id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-1a316bcbe318 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/san-filippo.html | San Filippo | I�igo Legorburu | 2015-03-08 00:00:00 | San Filippo
Doinua: Amaren bularra.
* San Antontxu sariko irabazlea. Sorta osoa argia.eusen.
Alabak hiru urte
kunplitu berritan
medikurako gure
ohiko bisitan;
oraindik zegoela
Lur larru gorritan
esan zigun "hau ez da
gertatzen sarritan..."
"San Filippo" izena
botata birritan
hotzikara handi bat
gailendu zen tripan.
Nerbio ta beldurren
bitarteko kinkan
ezkutuko mundu bat
gelditu zen bistan.
Jada utzi diozu
hitz egiteari
nahizta komunikatzen
zaren guztiz garbi:
Zu pozik zaudenean
zabiltza jostari
haserretzean berriz,
betilun ta nagi.
Eguneroko martxan
arazo ugari
bizi ditugun arren;
zara gure sari.
Egunekoa biziz
gabiltza aspaldi
denbora irabaziz
etorkizunari.
Gizarteari jartzen
bagara begira
han guztiok berdinak
ez gara-ta, tira!
Sailkatuak zenbaki
batzuen neurrira
nornahi ez da iristen
besteen erdira.
Ospitaleak duen
zorraren harira
txanponen diktadura
gailentzen ari da.
Logika horrek badu
gurean segida
gaixo daudenak ere
sailkatzen baitira. | news |
argia-b5ea714aa814 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/emakume-langileen-eguna-duela-4000-urte.html | Emakume langileen eguna duela 4.000 urte | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-03-08 00:00:00 | Emakume langileen eguna duela 4.000 urte
Kopenhage (Danimarka), 1910. Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Topaketan, Alemaniako Alderdi Sozialistako ordezkari Clara Zetkin eta Kathy Dunckerrek "Emakumeen nazioarteko Eguna" edo "Emakume Langileen Eguna" ospatzeko proposamena aurkeztu zuten. 1911ko martxoan, Emakume Langileen Eguna ospatu zen lehenengoz Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Ofizialki behintzat, 4.000 urte lehenago, Mesopotamian, emakume langileek, beren eguna ez ezik, aste osoa jai izan baitzuten bitan gutxienez.
Antzinako Sumerren berriki arte berreskuratuko ez zituzten eskubideak zeuzkaten emakumeek. Esaterako, ikasteko eta beren lanaren bidez bizibidea lortzeko aukera zuten. Orotariko lanbideetan aritu zitezkeen eta irabazten zutenaren jabe ziren. Merkataritza kontratuak jasotzen dituzten taulatxo askotan emakumeen sinadurak ageri dira.
Enpresaburu nagusien artean lehen dinastietako erregina eta printzesak nabarmendu ziren. Bulegoak zituzten, eta bertan lan egiten zuten idazlariak emazteen zerbitzura ageri dira dokumentuetan, eta ez senarrenean. Bulego horietatik kudeatzen zituzten negozioak eta senarrek normalean ez zuten parte hartzen, mozkinak partekatzeko ez bazen. Zenbait erregek emaztearen jarduera ekonomikoei esker finantzatu ahal izan zituzten kanpainak eta proiektuak. Akkadeko Sargon –lehen errege akadiarra– Tashlultum erreginaren gari negozioari esker aberastu zen eta, lau erregealdi geroago, Sharkalisharri erregea Tutasharlibish emazteak eraikuntzarako harrien salerosketan irabazitakoaz baliatu zen.
Gortetik kanpo ere hainbat adibide geratu ziren agirietan jasoak. Ureko tenpluko apaiz baten emazte Ashagek garia saltzen zuen; hiri bereko gobernadorearen emazte Ninkhulak, aldiz, larrua, urrea eta lurrinak. Azken horrek Nimkalla erreginarekin nolabaiteko "multinazionala" kudeatzen zuen, haien enpresak hainbat egoitza baitzituen Lagasheko hegoaldeko mugatik hasi eta Mari iparralderaino –egungo Iraketik Turkiaraino–.
Emakume xeheen artean ohikoak ziren gerora mende luzez "maskulinotzat" jo ziren lanbideak, hala nola, zurgintza edo eskulturak zizelkatzea. Tabernari, botikari, lurringile eta masajista gehienak emakumezkoak ziren, lanbide horiek gizonezkoentzat galarazita egon ez arren. Eta Ureko III. dinastiako hiru emakumezko sendagileren izenak iritsi zaizkigu: Kubatum, Zamena eta Ummeda. Tauletan aurkitutako datuen arabera, Ur hirian, II. dinastian, 13.000 emakume langile zeuden eta hurrengo dinastian, aldiz, 7.000 emakume langile zeuden Lagashen.
Gemen-Linlila erregina eta enpresaburua hil zenean haren senar Shulgik (K.a. 2029-1982) zazpi eguneko atsedena agindu zuen erresumako emakume langileentzat eta, dakigunez, Eanisha erregina hiltzean ere aste osoa jai hartu zuten emakumeek. | news |
argia-5a7b2134aed6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/kaleak-eta-gauak.html | Kaleak eta gauak | Kattalin Miner | 2015-03-08 00:00:00 | Kaleak eta gauak
Gure kaleak izendatzeko plaken %10ak baino ez omen darama emakumezko baten izena. Ehuneko horren barnean omen daude, "inork ezagutzen dituen emakumezkoak", abizenik gabe azaltzen diren "izen herrikoiak", eta nola ez, santak, mojak eta Ama Birjinak.
Espazio publikoa hartzeko dugun beharraz barre egin izan digute maiz, histeriaz blai ari garela, gehiegikeria dela gure errekonozimendu antsia. Eta estatistikak gogoko ez baditut ere, gaurko datuak ez du erantzunik onartzen.
Era berean, Hernanin Andre Kalea berreskuratu dugu, ez gainera izerdi gutxirekin. Ez dizkiot zorionak besterik eman nahi hainbeste urtean borrokan aritu den horri, eta bidean batu garen guztioi.
Baina kaleak ez ditugulako plaka batzuen bidez soilik gureak egingo, martxoaren 14an Hernaniko kaleak beste era batera hartzeko aukera ere izango dugu emakumeok. Izan ere, sagardotegi garaiko gehiegikeria sexistek, baboseoak eta gainontzekoek adi entzun beharko dute, gurea dena berreskuratzera gatozela. Nazkatuta egoteaz gain, haserrea borborka izateaz gain, gurea denari izena jartzera baikatoz; eta jada, ez dugu baimenik eskatzen. | news |
argia-3e1d38941ea9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/carol-rama.html | Artearen historia berrirakurtzen | Aritz Galarraga | 2015-03-08 00:00:00 | Artearen historia berrirakurtzen
Artista italiar ahantziari eskainitako erakusketa, Pasioa Carol Ramaren arabera, aukera ezin hobea da artearen historiografia nagusia kritikoki berrirakurtzeko. 70 urtetan zehar egindako 200 bat lan, XX. mendeko artearen toki komunak zalantzan jartzeko.
Historia, Ambrose Biercek, gisa honetantxe definitzen du: "Kontaera faltsua hein handi batean, gehienbat garrantzi gutxiko gertaerak kontatzen dituena, gehienbat gizatxar diren gobernariek eta gehienbat txoroak diren soldaduek eragina". Besterik da garrantzia gutxiko gertakari horiek gero garrantzia handiagoko gertakariak eragin ditzaketen: apokaliptiko jartzearren, adibidez gerrak. Joseba Sarrionandiak, aldiz, testu honetarako egokiagoa zaigun definizio bat ematen dio Historiari: "Behin eta berriro idatziz doan testua, gero borratua eta berriz idatzia izateko. Historiak era guztietako argumentuak pilatzen ditu, zer frogatu nahi duen oraindik ez dakien arren".
Sarrera modu hori zertarako, eta, erakusketa batean izan naizela esateko. Museu d'art contemporani de Barcelona-n. Izena: La passió segons Carol Rama . Ez Bach ez bi: Carol Rama. Lasai, segi irakurtzen, normala da haren izenik ez ezagutzea. Bost euro balio duen sarrerarekin batera jasotako esku-orrian ohartarazten digute: izena ez da ezein historiatan agertzen, ezta "emakume artisten historia" deitu duten horretan ere. Torinon jaioa, 1918an, industrialari familia batean; burgesa, beraz, estutasun handirik gabekoa. Ez behintzat ekonomikoki: heziketa artistikorik gabea, Ramaren hasieretako obran eragina izan zuten heriotzak –aitak buruaz beste egin zuen, alabak 22 urte zituela– eta itxialdi instituzionalak –ama psikiatriko batean sartu behar izan zuten, aitaren heriotzaren ondotik–. Orduantxe hasi zen pintatzen erakusketa honetan atentzioa gehien ematen duten akuarelak: emakume batek kaka egiten du, giza zakil bat ornitorrinko batean sartzen da, gorputz batek eskuekin zabaltzen du bulba, suge bat ipurtzulo batetik irteten da. 1945ean erakutsi zituen lehen aldiz jendaurrean: Italiako gobernuak zentsuratu egin zituen, "lizunkeriagatik".
1940ko Appassionata obrak psikiatrikoko eszena bat ekartzen du gogora
Ibilbide artistikoa ez zuen hor gelditu, ordea. Paul, aka Beatriz, Preciado komisarioak idatzita utzi duen bezala, "hogeigarren mendeko artearen kontra-artxibo" gisa har daiteke-eta Ramaren obra. Lehen erakusketa haren zentsura "ohartarazpen" modura hartu zuen, hori bai, motibo figuratiboak alde batera uzteko gonbidapen. 50etan, "gerra abstraktua" jarri zuen martxan, Movimento per l'arte concreta taldearen baitan, bere obrari "nolabaiteko ordena" eta "gehiegizko askatasuna mugatzeko". Hamarkada haren erdialdera, arte konkretua lantzen zuen taldearen konbentzio geometrikoengandik urrundu, eta material berri, teknika berriekin esperimentatzen hasi zen. Adibidez, 60etan, Rama gerturatu zen esperimentazio linguistikoa lantzen zuten artistengana, Novissimi taldekoen poesia bisualera, bereziki Edoardo Sanguineti idazlearengana. Sanguineti berak bricolages deituko zituen lanak egin zituen garai hartan, elementu organiko eta inorganiko desberdinen nahasketatik sortzen zirenak.
Nonna Carolina izan zen Ramaren lehenbiziko obretako bat. Gorputz atalen protesiak pintatu zituen hasieratik.
60. hamarkada amaieratik aurrera, Italiako eszena artistikoa berenganatu zuten arte povera mugimenduko figura maskulinoek: Alighiero Boetti, Giuseppe Penone, Giulio Paolini, Mario Merz, Pino Pascali, Michelangelo Pistoletto. Carol Rama, beste behin, eszena horretatik kanpo geratuko da. Nahiz kautxuzko pneumatikoak sarri agertzen diren garai hartako obran –aitak, hondoa jo aurretik, bizikleta fabrika bat izan zuen–. Baina ez bakarrik: oin eta hanka protesiak, kristalezko begiak, betazalak, ilea, azala, azkazalak, hortz naturalak, osagai elektrikoak (fusibleak, bateriak), medikoak (xiringak). 70etan, ia esklusiboki erabiliko ditu kautxuzko pneumatikoak, taxidermista batek azala lantzen duen bezala erabili ere.
1980an, Lea Vergine komisarioak Ramaren obra "deskubritu" zuen: lehen akuarela haietako batzuk sartu zizkion, L'altra metà dell'avanguardia 1910-1940 izeneko erakusketa kolektiboan. Ehun bat emakume artistaren lana jaso zen bertan. Deskubrimendu horrek, aldiz, berriz geldiarazi zuen Ramaren sona. Bi modutara: aitorpena ematen dio, baina soilik emakume gisara aurkeztuta. Eta gazte garaiko obrak bakarrik erakutsita, ondorengo obra guztia uzten du ilunpean. Sorkuntzak ez du etenik, ordea: 90etan, animalia gaixoen errepresentazioak margotuko ditu, orduko hartan modako zeuden behi eroak. Autoerretratu gisa ere aurkeztu zituenak: "Neroni naiz behi eroa".
Errekonozimendua-edo, 2003an iritsi zitzaion Ramari: Urrezko Lehoia eman zioten Veneziako biurtekoan, zazpi hamarkadatan zehar egindako lanagatik. Hartara, goitik behera betetzen dira Carol Ramaren kasuan, Guerrila Girls kolektibokoek aipatzen zituzten iragarpen horiek guztiak: "Emakume artista izatearen abantailak dira, laurogei urte dauzkazunean hasiko direla nabarmentzen zure lana; egiten duzun edozein gauza 'femenino' gisa izango dela sailkatua; eta artearen historia berraztertuetan sartuko zaituztela".
Paul B. Preciadoren testura itzuliko gara, Elearaziko lagunek osoki euskarara ekarri duten horretara –eta ondo pentsatuta, nik ere ekar nezakeen hona osoki, bestelakoekin eman beharrean alamena–. Erakusketa "minoritarioei" arrisku bat ikusten die: kontakizun historiografiko handiaren barruan, oin-ohar huts gisa amai dezaketela. Pixka bat horrela: "Egia da, arte modernoa Europa erdialdeko gizon zuriek egin zuten batez ere, baina ez ahaztu, hor zeuden, baita ere, Sonia Terk, Liubov Popova, Claude Cahun, Dorothea Tanning… Eta, batzuetan, itzalean izan arren, gauzatxo zoragarriak egin zituzten". Bestela, erakusketa minoritarioak bi multzotan sailkatzen ditu: nolabait "unibertsalistak", unibertsalera iristeko balio dutenak, alegia, narrazio hegemonikoak xurga ditzakeenak. Eta "identitate politika"-ren logika darabiltenak, zeinak arriskua duten diferentziak birnaturalizatzeko, anekdota huts gisa txertatzeko historia handian, narrazio hegemonikoa berretsiz.
Preciadok berak Rama bisitatu zuen erakusketa prestatzeko aitzakian. Baina 2005ean kontzientzia galtzen hasi zen artista, prozesu azkar batean. Artearen historiak erabat ahaztu du Carol Rama. Carol Ramak orain erabat galdu du oroimena. "Artearen historia da gure amnesia propioaren historia", dio Preciadok. Eta zalantza planteatzen, ea erakusketa izan daitekeen artistaren memoria berreraikitzeko edo asmatzeko modu bat, ala, aitzitik, gure saiakera amnesia-proiektu orokor horren parte izango den. Sarrionandiaren definizioaren haritik, zalantza gutxiago dago: Historia, berriz idatzia izaten ari den momentu honetan –ze momentutan ez da berriz idatzia izaten ari?–, ziria sartzeko, esan nahi baita sartzeko falka, besterik ez bada muturra, probestu beharra dago. Bartzelonakoa bukatuta, Pariseko Musée d'Art Moderne izenekoan dugu aukera, apirilaren 3tik uztailaren 12ra. | news |
argia-0535d1c9b485 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/lan-prekarietateak-eta-soldata-desberdintasunak-emakume-aurpegia-dute.html | Lan prekarietateak eta soldata desberdintasunak emakume aurpegia dute | Juan Mari Arregi | 2015-03-08 00:00:00 | Lan prekarietateak eta soldata desberdintasunak emakume aurpegia dute
Kapitalismoak sortu eta azken urteetako krisiarekin areagotu den lan prekarietateak eta soldata desberdintasunak emakume eta gizonei eragiten die. Baina datuek behin eta berriro baieztatzen duten moduan, emakumeak dira gehien sufritzen dutenak. Emakume aurpegia dute.
Lan prekarietatearen kasuan Euskal Herrian %22,3 daude egoera horretan, Europar Batasuneko batez bestekoaren 8 puntu gainetik; baina emakumeen arteko lan prekarietatea %25,9koa da, 11,2 puntu gainetik alegia. Bestalde, kontratuen %93,5 aldi batekoak dira, batez ere lan egun zatitua dutenen artean. Ipar Euskal Herriaren kasuan, emakumeen artean lan prekarietatea %80koa da. Soldatari dagokionez, emakume eta gizonen arteko desberdintasuna ere oso larria da. Euskal Herri osoan, INE eta INSEE estatistika institutuen arabera emakumeek gizonek baino %27 gutxiago jasotzen dute. Eskura dugun azkeneko inkesta estatistikoa 2012koa da, eta orduan emakumeek batez beste 21.192 euro kobratzen zuten, gizonekoek aldiz 28.880 euro.
Egoera injustu honek ekintza politiko erabakigarriak eskatzen ditu, duintasuna eta berdintasuna administrazio eta enpresen erabakien erdigunean kokatuko dituen aldaketa funtsezkoa lortuko badugu. Zalantzarik gabe, kasu askotan gizonezkoak gainetik dagoela uste du, baina horrez gain sistema kapitalistak ere prekarietatea eta desberdintasuna sortzen du. Odolean darama. Gizonezkoak uste ustel hori alboratzen ez duen bitartean eta egungo sistema desegin eta alternatibo bat sortzen ez dugun bitartean, prekarietateak eta desberdintasunak hor jarraituko dute; beste sistema batzuk antzekoak dira horretan (sozialista, komunista, arabiarra...). Euren burua antikapitalistatzat eta ezkerrekotzat dutenek (politikariak, sindikalistak, mugimendu sozialetako kideak...) gizonen eta emakumeen arteko egiazko berdintasunean oinarritutako eredu sozial eta ekonomikoa eraikitzeko borrokatu behar lukete. | news |
argia-2d2d376e9aea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/nork-egingo-du-orain.html | Nork egingo du orain? | Xabier Letona | 2015-03-08 00:00:00 | Nork egingo du orain?
Elkarri 1992ko abenduan sortu zen eta ilusioa ekarri zuen euskal gizarteko sektore zabaletara, batez ere ezker abertzalearen baitara. Bost urte lehenago sinatutako Ajuria Eneko Ituna bere eragina izaten ari zen gizartean: ezker abertzalea politikoki eta sozialki baztertzea zen itunaren helburu nagusia eta isolamenduaren zirimiriak esparru sozial hori blai utzi zuen apurka, ia oharkabean.
Ezker abertzaleak indartsu ikusten zuen bere burua 80ko hamarkadaren amaieran eta nekez irudika zezakeen Estatuaren eta gainerako indar politikoen presioa horren eraginkorra izango zenik. Erresistentzia irabaztea zen orduan. Hamarkada bat geroago iritsiko zen ilegalizazioaren zutoinak ere sasoi hartan finkatu ziren.
Testuinguru horretan sortu zen Elkarri, elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua. Hilabete gutxitan berehala irudikatu zen haren eginbeharra ez zela txantxetakoa izango. Giro hartan, gizarte mailan hain ahul ziren elkarrizketa eta akordio politikoaren kultura sustatzea basamortura ureztontziarekin abiatzea zen. Baina tanta han tanta hemen, gatazka politiko bat bideratzeko elkarrizketaren eskaera gizarte aldarrikapen bihurtu zen apurka. Gaurdaino iraun du.
ETAk 1993an bahitu zuen Julio Iglesias Zamora eta Bakearen Aldeko Koordinadorak lazo urdina atera zuen kalera bahiketa arbuiatzeko. Lazo urdina eta ezker abertzaleak bultzatutako "Bai Euskal Herriari" kanpainak aurrez aurre egin zuten Euskal Herriko kaleetan, manifestazio eta kontramanifestazio itxuran.
Enfrentamendu testuingu horretan egin zituen lehen urratsak Elkarrik: abertzaletasunaren mundutik sortua, ezker abertzaleko jende asko bildu zuen, baina ezker abertzaleko egiturekin gero eta harreman tirabiratsuagoa izango zuen. Ajuria Eneko Itunaren erabateko mesfidantza ere bazuen: ezker abertzalearen aurpegi atsegina zen haren begietara. Bake konferentzia han, akordioa hemen eta zubigintzaren ingeniaritzan ondo koipeztua, elkarrizketa eta bake prozesuaren ideiak gaur eguneraino ekartzeko garrantzitsua izan zen Elkarri. 2006an desagertu zen, bere helburu gorena bete barik, etsipen usainean, baina azken kartutxoa erre gabe oraindik.
Lokarri zen azken kartutxo hori eta Jonan Fernandez eta Victor Aierdiren itzalean hezitako Paul Rios ezezagun bat barku berriaren gidaria. Lau txakur handi ere ez ziren ordaintzen haren etorkizunagatik. Bitartekoetan txikira besterik jokatu ezin zuenak, handira jardun gura zuen helburutan, Elkarrik han-hemenka utzitako herritar multzo txikiekin. Gehiegi.
Zerbait alde bazuen, ordea, mugimendu berriak: Loiolako porrotaren errautsetan piztu izana eta Elkarriren bitartekaritza sare osoa eskueran izatea. Zorte pixka bat ere izan zuen, tematzeak une klabeetan behar zen lekuan egotea ekarri ziolako geroxeago.
Akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sare gisa definitu zuen Lokarrik bere burua. Pozik utziko du bere jarduna orain, helburua lortu delakoan. Eta asko lortu da, ETAk amore ematean, gatazka armatuaren fasea amaitu delako euskal gizartean. Hori bai, aldebakartasunez. Estatuak ilegalizazioen amaiera besterik ez du onartu, 1988an Ajuria Eneko Ituna egin zenean ezker abertzaleak zuen jardun politikorako estatus bera. Ituna bultzatu zutenen asmoen kontrara, aldiz, gatazka armatuaren logikan garaitua izan den mugimendu politiko zabala indartua atera da bere zokoratzetik.
Akordioa, kontsulta eta berradiskidetzean urrats handiak behar dira oraindik. Gizarte mailan, nor borrokatuko da horien alde orain? | news |
argia-e2196342bcbe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/aurtengo-gripeak-gogor-jo-du-frantziako-estatuan.html | Aurtengo gripeak gogor jo du Frantziako Estatuan | Joxerra Aizpurua | 2015-03-08 00:00:00 | Aurtengo gripeak gogor jo du Frantziako Estatuan
Azken asteotan Frantziako berriemaileek erakutsi dizkiguten gripearen eboluzioaren datuek harridura sortu dute hiritarrengan. Ez dakit hango datuak Euskal Herri osora zabalgarriak diren ala ez, baina ez zait iruditzen Hego Euskal Herriko datuak –Ipar Euskal Herrikoak, zer esanik ez– Frantziako Estatukoen oso desberdinak izango direnik.
Urtarril amaieratik otsail amaiera arte irauten ari den gripe epidemiaren aurkako txertoak uste baino emaitza ahulagoak eman ditu 65 eta 85 urte arteko hiritarrengan, eta ohi baino kasu larriago artatu dituzte ospitaleetan.
Hortaz, aurten txertoak beste batzuetan baino babes txikiagoa eman du gripearen aurrean. Erne egotea dagokigu, balizko sintomak agertzekotan. | news |
argia-68ef3440e90b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/euskarazko-kanten-grabaketak.html | Gerra Handiko presoen sentimendu musikatua | Lourdes Izagirre Ondarra | 2015-03-08 00:00:00 | Gerra Handiko presoen sentimendu musikatua
Berlingo Etnologia Museoak euskaldunen altxor bat ezagutarazi du berrikitan. Etxe hartan gordetzen diren Lehen Mundu Gerrako milaka grabazioetako batzuk euskaraz daude. Gerra hartan preso egondako euskaldunen ahotsak entzun daitezke kantuan.
Ez dira euskarazko grabazio zaharrenak, baina Gerra Handiaren erdian harrapatu zituzten ahotsok garai latzaren lekuko paregabe dira.
Gerra Handian (1914-1918) Alemaniako preso esparruetan mundu osoko soldaduak izan zituzten gatibu, parte hartu zuten estatuek euren kolonietako milaka gizonezko eraman zituztelako borrokara. Esparru horiek laborategi modukoak ziren alemaniarrentzat, eta presoekin esperimentatu zuten makina bat arlotan, baita etnologia eta musikologiazko ikerketak egiteko ere.
Informazio horren zati bat ikusentzungai jarri du orain Berlingo Etnologia Museoak, apirilera arte zabalik duen erakusketan: esparruetan ateratako argazkiak, objektuak eta baita garai haietako artxibo soinudunak ere, tartean euskaldunek kantatutako hainbat ale entzun daitezke. Hala, argizarizko xafletan duela ehun urte grabatuta geratu ziren Gernikako Arbola, Adios izar ederra, Lili bat ikusi dut, Ziburutik Sararat, Amodio ohore, Atharratze jauregian eta Lurraren pean sar nindate abestiak entzuteko aukera dago, euskal herritarren ahotik kantatuak.
Kantok ez dira grabaturik ezagutzen ditugun euskarazko zaharrenak. Lehenago, 1900 urtean, Azoulay doktoreak eginak zituen grabazio fonografikoak. Horiek Pariseko Antropologia Museoan aurkitu zituen Inaxio Lopez de Arana itzultzaile gasteiztarrak. Ezagunagoak dira Rudolf Trebischek 1913an Euskal Herrian egindako grabaketak; euskalki guztietako kanta, kontakizun, ipuin eta pasadizoak bildu zituen, tartean Gernikako Arbola kanta ikurraren lehen grabazioa.
Orduan, zer dute bereizgarri Berlingo Etnologia museoko argizarizko xaflek? Testuingurua. Europa goitik behera aldarazi zuen gerra baten erdian, sorterritik urrun zeuden preso euskaldunen ahotsa da berton entzuten dena.
Berlindik Leningradera, eta buelta
XX. mende hasieran Thomas Edisonen asmakizunak, fonografoak, ibilbidetxoa egina zuen uhinak bibrazio bihurtzen. Gerra Handiaren batera, Wilhelm Doegen eskola irakasle berlindarrak gatibu esparruetako hizkuntzak eta musika grabatzeko burutapena izan zuen, hango aniztasuna ikusita. 1915ean Berlinen Komisio Fonografikoa sortu zuten helburu horrekin eta ikerlariak lanean hasi ziren (ikus 7. orrialdeko koadroa). Hala, 1916ko abendutik 1918ko abendura artean jasotako kantak eta ahotsak 1.651 argizarizko diskotan grabatu zituzten. Kantak eta musika berriz 1.031 argizarizko xafletan. 1920an erakundea desegin egin zuten eta bilduma ere euskarriaren arabera banatu zuten: xaflak eta diskoak.
Gaur egun argizarizko diskoak Lautarchiv Soinuen Artxiboan daude, Humboldt Unibertsitatearen ardurapean. Lehen Mundu Gerraren ostean, Berlinen disko horiei buruzko foiletoak argitaratzen hasi ziren, tartean Karl Bouda filologoak euskarazko ahots eta kantez eginiko transkripzio fonetikoak. Jose Maria Etxeberria etnografoak 2008an publikatu zituen kanta horien zerrenda eta transkribapenak, Euskarazko grabaketak 1913-1917 liburuan. Zehazki ia bi dozena disko dira; Etxeberriaren esanetan Boudak disko gehiagoren berri ere bazuen, baina "seguruenik disko hauek eta Berlingo Fonetika Institutuan gordetzen ziren beste material asko Bigarren Mundu Gerran deuseztaturik geratu ziren".
Argizarizko xaflen patua beste bat izan zen. Bilduma hori Artxibo Fonografikoan geratu zen hasiera batean, baina Bigarren Mundu Gerran Sobietar Batasunera eraman zuten, Leningradera, 1960an Ekialdeko Berlinera (DDR) eta 1991n Berlineko Etnologia Museora itzuli zuten berriro. Zortzi urte geroago Unescok 30.000 xafla inguru gordetzen duen bilduma hori Munduaren Memoria izendatu zuen. Tartean daude orain arte ezezagunak genituen eta gutxienez euskarazko 75 kanta dakartzaten 34 xafla.
Bi minutuko lekuko soinudunak
Euskaraz dauden 34 xafletako bakoitzak 2 minutu inguru irauten du. Denbora horretan batzuetan kanta bat, bestetan bi edo hiru kanta motz grabatuta daude. Orokorrean ez dira kanta osoak grabatu, kantaren ahapaldi bat, batzuetan bi. Ahots ederrak eta kantatzen ohitutakoak antzematen dira. Gehienetan bakarka aritzen dira, baina badaude binaka, bertsotan ariko balira bezala, eta kanon moduan kantatzen dituzten kantak. Ez dago gatibuen egoera esplizituki aipatzen duen kanta edo bertsorik. Kanta guztien corpusa bere osotasunean entzunez gero eta jakinda zein egoeratan sortuak diren, bigarren mezu bat antzematen zaie: gatibu daudela adierazi nahi dutela interpretatu daiteke.
Berlingo Etnologia Museoko musikologia atalekoek ikerketa proiektua sortu zuten 2012an. Argizarizko xaflak prestatzen eta digitalizatzen hasi ziren, adituek eta interesatuek musika hori jasotzeko aukera izan dezaten. Urteen poderioz eta leku aldaketen ondoren xafla asko hondatuta zeuden. Xaflak erabiltzen diren aldi bakoitzean ere hondatuz doaz, argizaria oso material biguna delako. Zorionez zenbait burdin gorrizko negatibo eginda zeuden 1991n. Hauetatik berriro xaflak egin dituzte proiektukoek, bertan grabatutako musika digitalizatu ahal izateko. Jadanik xafla guztietako negatiboak eginda dituzte galbanizatze prozedura batez. 2014ko azaroaren 27an proiektuko bi kidek eman zuten hitzaldian garbi azaldu zuten kanta horiek ez dituztela sarean jarriko, interesatuei eta adituei baizik ez dizkietela helaraziko.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) grabaketen kopia bat dauka, Berlingo Etnologia Museoarekin hitzarmena sinatu baitu materiala helburu zientifikoetarako erabiltzeko. Bertako kide Maite Deliartek dioenez, berrikitan material osagarria ere igorri diote Berlindik, grabazioen eta kantarien inguruko informazio zehatzagoarekin, baina horiek oraindik aztertzeke daude. Deliartek EKErentzat idatzitako aurkezpen-txostenean dioenez, gutxienez hiru presoren ahotsak antzeman daitezke eta zuberera eta lapurtera dira erabiltzen dituzten euskalkiak; kanta gehienek izaera herrikoia dute. Salaberri mauletar legegilearen bildumako zenbait kanta daude, baita bertso jarri ezagunak edo Azkuek Cancionero popular vascon jasotakoak ere, Iparragirreren Gernikako Arbola ez da falta esaterako.
"Berezia da euskaldunen musika"
Hermann Urtel erromanista Komisio Fonografikoko kideetako bat izan zen. Gerra amaitutakoan, zera idatzi zuen Doegenek argitaratutako Unter fremden Völker (Herri arrotzen artean) liburuan euskal gatibuez: "Frantziarren gatibu esparruetan interesik handiena herri paregabe hark sortu zuen denbora guztian, alegia, azken mendean zientzialarien ardura etengabea izan duen Iberiar jatorrizko herri hondar [restvolk] honek, euskaldunen herriak. (...) Preso-esparruetan zeuden ehunka ordezkari ikusi ondoren ezin da besterik gabe 'tipo' uniforme bat antzeman. Txikiak, malguak, katu modukoak eta bizi-biziak zirenak ikusten ziren, aldiz handiak, tenperamentu isileko bizkarzabal figurak ere bai. (...) Frantziako hiru euskalki nagusien ordezkarietara mugatuta ginen, lapurtar, behe nafar eta zuberotar hizkeretara". Pena adierazten du Urtelek ez dutelako hegoaldeko 'tiporik' esparruetan euskaldunen ikerketa oso bat egin ahal izateko.
Komisioak euskal kantak eta kontakizunak ere grabatu zituen: "Guk badugu frantziar euskaldunen kanten eta ipuinen bilduma eder bat –dio Urtelek–, hoberena Salaberrirena da. (...) Berezia da euskaldunen musika. Benetako euskal kanta bati segituan antzematen zaio jatorria; doinu horiek bitarte melodiko motzetan mugitzen dira eta badirudi ez dutela inolako loturarik Europako beste herrialdeetako kantekin, albaniar kantekin ezik".
Derrigortuta kantatzen ote zuten?
Fonografoaren aurrean kantatzeko gatibuak nola aukeratzen zituzten jakitea ez da erraza. Urtelek hizkuntza erromanikoetan mintzatzen ziren gatibuak zituen begiz jota. Gerra Handian ari ziren herri erromaniko gehienak alemaniarren areriotzat zituen, eta soldadu gatibuen esparruetan beraien hizkuntza ondo ezagutzen zuen "material ugari" aurkitzea espero zuen. Adituak zioenez gatibuok pozik hartu zituzten Komisioko kideen egitasmoak, inork ez omen zion grabatzeari uko egin, gehienez lotsa adierazten zuten batzuk grabagailuaren aurrean. Orokorki beraien jatorriagatik edo gaitasunengatik aukeratzen zituzten aurrena, bigarren pauso batean, bai kantariei, bai hizlariei kanta edo istorioaren testua bakoitzaren dialektoan idaztea eskatzen zieten. Paperean paratutako testua berriz, adituek gatibuekin batera lantzen zuten eta segidan transkribapen fonikoa idazten zuten. Paperean idatzitako testu hori zen grabagailuaren aurrean errepikatu behar zutena, kantatuz edo esanez.
Badirudi Urtel zenbait euskal abesti grabatzerakoan bertan egon zela, George Schüneman batera. Bigarren hau izan baitzen Komisioko xafla guztiak grabatu zituena. Schünemann musikologoa zen eta preso esparruetan musika grabaketak egiteko arduradun izendatu zuten. Berak Edison markako fonografo bat erabiltzen zuen grabaketetarako. Fonografo horiek argizarizko xafletan gordetzen zituzten soinuak. Argizarizko xaflatan gordetzeko teknika soilagoa zen eta maneiatzeko errazagoa, diskoen teknika baino. Horregatik Schünemann preso esparruetara joaten zenean itzultzaile baten laguntza baino ez zuen behar izaten.
Baina kanten transkribapenik ia ez dago. Galdu egin ziren ala ez ziren inoiz egin, hori ez dakigu. "Deigarria da zenbat eta zein gutxi sortu zuten gatibuen eremuetan ibili ziren ikerlariek beraien jakintza arlotan", dio Monique Scheer kultur zientzialariak 2010ean gai horretaz argitaratu zuen artikuluan (Captive Voices: Phonographic Recordings in the German and Austrian Prisoner-of-War Camps of World War I). Musika grabaketa hauetatik Schünemannek bakarrik argitaratu zuen bere "Habilitazioa" –2. doktoradutza– 1923an.
Schünemannek utzi zituen idazkietan adierazten du gatibuak poztu egiten zirela beraien ahotsa entzutean eta batzuetan presoak ere itzultzaile lanetan aritzen zirela eta beste kide batzuei kantatzea proposatzen zietela. Edisonen fonografoak grabaketak egin ondoren orratza aldatu eta entzuteko aukera ematen zuen. Tresna berri haren aurrean beldurra kentzearren grabaketak berehala jartzen zizkieten askotan entzungai presoei. Esparruan behartuta zeuden lanetatik libratzea zekarren zeregin horretan parte hartzeak. Kantatu nahi ez zutenei zigarroak eskaintzen omen zizkieten. Grabaketak gehienetan horretarako prestatutako geletan egiten ziren, soinu-kalitate hoberena lortu ahal izateko. Geletan ikatzezko berogailuak egoten ziren, baita gatibuak behatzen zituzten zaindariak ere.
Identitateak eta botere erlazioak
Soldaduak beraien armadatako batailoietan jatorriaren arabera zeuden sailkatuta gehienetan. Soldadu gatibuak beraien uniformeak gordetzen zituztenean begi-bistakoa zen haien sailkapen militarra. Gizon gatibu horiei militarra eta etnikoa ez ziren beste identitate zeinu guztiak kendu zizkieten. Egun batetik bestera behartuak izan ziren esparruetako egoera "multikulturalean" bizitzen. Soldadu euskaldunak grabaketak egin ziren garaian Rottleberoden (Sachsen-Anhalt) zegoen eremuan zeuden preso. Eremu hartan preso zeuden soldaduek bertako zerrategian egin behar izan zuten lan.
Grabaketetako kantari euskaldunak presondegi batean, edo akaso gehiagotan, urteak egin zituzten soldaduak ziren. Oraindik ez dakigu handik bizirik atera ziren ala ez; gerra amaieran bizirik jarraitu zutenek zer egin zuten ere ez. Gerra Handian parte hartu zuten euskal soldadu guztien ordezkari, aldi berean gerra aurretik bizitza pribatua zuten pertsona libreak ziren.
Galdera asko daude oraindik erantzun gabeak. Aurrerantzean egingo diren ikerketek euskaldunen memoria historikoa lantzeko edo argitzeko prozesuan urratsak emateko balioko dute. Bestalde, grabaketak egiterakoan euskal presoen eta alemaniar adituen arteko botere erlazioa aintzat hartu beharko litzateke, bestela, grabaketa haiek egin ziren egoera egalitarioaren fantasia errepikatzeko arriskua baitago. | news |
argia-f5d7d2b31cb9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/euskara-baxenabarren.html | Hizkuntzaren aurkako jarrera baino, uzkurkeria nagusitzen da | Mikel Asurmendi | 2015-03-08 00:00:00 | Hizkuntzaren aurkako jarrera baino, uzkurkeria nagusitzen da
19. Korrika abian da: hil honen 19an Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da 29an. Urepele aldean ibili gara. Handik abiatu gara tokiko euskararen trenpua ezagutzeko. Baxenabarreko euskararen egoeraz mintzatu gara orokorki eta Baigorri haranekoaz bereziki. Xole Aire urepeldarra eta Mattin Bacho arberaztarra lagun izan ditugu solasaldian.
Hiru herri elkargo dira Nafarroa Beherean: Amikuze, Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarre. Legez ez dira elkargo bateratuak, alta, zenbait lan elkarrekin egiten dute. Adibidez, 2007an euskara teknikari lanpostua sortzea adostu zuten. Mattin Bacho da langilea: "Ene lanpostua ez da iraunkorra, hiru urtetarik berritzen da akordioa". Bacho Arberatzen sortua da 1980an. Gurasoak eta haien belaunaldikoak euskaraz aise mintzo dira: "Amikuzen euskararen transmisioa tanpez eten zen halere, beste hainbat eskualdetan bezala. Eskualdearen berezitasuna mugan egotea da".
Xole Aire urepeldarra da, 1973an sortua, Xalbador bertsolariaren biloba. Irakasle izan da Gau-eskoletan (AEK) eta ikastoletan (Seaska). Alta, laborantzan plantatzea deliberatu zuen sorterrian, Urepelen.
Korrikaren abiaburu Urepele
Korrika Urepeletik (316 biztanle) abiatzeko eskaera tokiko euskaltzaleek egin zuten. Korrika ez da bertatik sekula iragan: "Bada, iragan behar luke", pentsatu zuten. Xole Aire sinetsi ezinik ari zaigu: "Alta, mila arrazoi daude pasa dadin. Bat: Baigorri ibarra biziki euskalduna omen da, baina euskara galtzen ari da, inarrosaldi bat behar du". Bitxia dirudi, baina Korrika ez da Baigorri ibarretik behin ere pasa: "Gu Orreagara edo Garazira joan izan gara. Hunkigarria da hamar egun eta gauez lekukoa pasatzea eskutik eskura, sinbolikoki izugarria da. Emozio handiz egiten dut lasterka eta aldi honetan are emozio gehiagoz eginen dut".
Urepeletik abiatzea lortzea ez da aise izan. Bailarako AEK-ko kideek eskaera egin zuten eta erantzuna: "Korrika Urepeletik?". Eugi urrun dago (urepeldarrak herri horretara joan izan dira Korrikan parte-hartzera; hegoaldera), ingurunea hutsa dela pentsatu zuten, irudiz, AEK-ko arduradun nagusiek: "Baina gu hemen bizi gara, euskaldunak gara", tokikoen arrapostua. Argudioak hobeki prestatu eta eskaera berritu zuten. Hauexek arrazoiak: 1. AEK-k ikastaldi ia guztiak Urepelen egiten ditu. 2. Xalbadorren herria izatea. 3. Eskola elebidunak sortu izana. 4. Ikastolen eta eskola elebidunen ondoren haurtzaindegia sortu da. 5. Adur elkartearen sortzea, jendarteko gaiak, kultura eta euskara bereziki sustatzen dituena.
Adurrek eskatu zuen Korrika Urepeletik pasatzea, bederen: "Ez ziotela bi aukerei eza emanen pentsatu genuen. Eta hara, Urepeletik abaiatzea erabaki zuten".
Baigorri ote da euskaldunena?
Baigorriko euskararen egoeraz mintzatzean, saihestezina da Baxenabarre hizpide hartzea. Baigorri eskualde euskaldunena dela diote askok, baina euskara ez da "salbu" ezta Urepelen ere. Bachok horrela dio: "Egoera ez da bera Baxenabarre osoan, ezberdintasun anitz dira kantonamendu batetik bestera, baita eskualdeetan ere. Baigorri eta Oztibarre antzekoak dira. Garazi eta Amikuze herrien arabera, eta bistan da, hiriburuak erdaldunagoak dira. Euskara lanjerrean ikusi duten herrietan kontzientzia gehiago piztu da, naski". Euskara teknikariaren aburuz, ezagutzan eta erabilpenean dago ezberdintasuna. Konparazione, Baigorri euskaldunagoa da eta Amikuze erdaldunagoa, baina kontzientziari dagokionez, Baigorrin ez dira baitezpada ohartuagoak. Euskaldunagoak dira, baina ez euskaltzaleagoak. Bachok Korrika kontraesanean bizi du nolabait: "Hasieran ez dut gogo berezirik, baina lasterka egiterakoan ni ere hunkitzen naiz. Hainbeste jende ikusteak eta leloak aldarrikatzeak indar izugarria ematen dit. Alta, badut kezka bat, antzerkia edo egun bakarreko ahalegina den? Sentimendu hori badut". Korrikak kontzientzia zuritzeko balio al du?
Dena dela ere, Korrika beharrezkoa ikusten dute bi solaskideek. Bachok eman digu horren adibidea: "Ni futbolean aritu naiz eta Korrika egunaren aitzinetik eta ondotik euskara gehiago erabiltzen du jendeak. Korrika akuilua da, jendea kontzientziatzeko balio du. Jende berria hurbilarazten du euskal mundura".
Kontzientzia suspertzea da gakoa
Duela hiru urte, etorkizuna irudikatzeko xedetan, Aldude 2050 gogoeta kolektiboa egin zuten Urepele aldean: "Hiru animatzaileak erdaldunak ziren. Taldeka mintzarazi gintuzten: gai sozialez, ekonomiaz eta kulturaz. Ni, nahita, ez naiz hizkuntza taldean sartu. 'Ez gaitezen euskaltzaleak beti toki berean ari', pentsatu nuen. Harritu nintzen, euskaltzaleak ez diren gazteak hizkuntza taldean sartu baitziren. Batzuk ez dira euskaltzaleak, baina ohartu dira euskara galtzen ari direla. Haietako batek kezka handia agertu zuen. Ohartu naiz belaunaldi berriei konfiantza eman behar zaiela, badute ardura gisako bat".
Abertzaleek euskararen kinka larriaren aitzinean zorrotz jokatu ote dute? Urepeldarra mintzo da: "Menturaz bai, baina ulergarria da, euskalduntasuna lanjerrean baitzen. Xalbadorrek 'hemen badago ama bat bere haurrek hila' erran zuen. Nik hori irakurri nuen lehen aldian negar egin nuen. Gure ama hizkuntza gu ari gara galtzen. Memento batez gogor egin behar zen eta orain konfiantza egin behar zaie belaunaldi berriei". Iritzi berekoa da Bacho arberaztarra.
Herriko Etxeetan euskaraz
Herriko Etxeko bilkurak euskaraz egiten dira? "Urepelen bai!", dio Airek. "Hori biziki interesgarria da" berretsi du Bachok. Herri kontseilua euskaraz eta modu naturalean egitea izugarria da. Bacho asmo horrekin ari da, besteren artean, Baigorriko Curutcharry axuant eta euskararen arduradunarekin: "Kontseilu kide batzuk erdaldunak direnez, bilkurak frantsesez egiten dituzte. Euskaraz eginik ere, beren burua itzultzen dute. Baina bilkura arraroa bilakatzen zaie eta fite uzten dute euskara". Bachoren hitzetan, hasteko, ausardia da eskas. "Hegoaldean hori gainditua da. Iparraldean ez da oraino kausitua. Ez dago bermerik euskaraz egiteko. Itzulpen araurik ez dago". Donibane Garazi edo Baigorriko herriko etxeetan frantsesez egiten da. Arazoa ez da ere itzulpen sistema ez egotea: "Gehiengoa euskalduna izanik ere, euskaraz egiteko galdea ez da pausatzen. Ez da batzorde bat sortzen horretaz gogoetatzeko. Politikariek eman lezakete urrats hori. Ordua da".
Euskaldunek aldarrikatzen duten instituzioa Herri Elkargo egitura izan liteke. Baxenabarreko Herrien Elkargoak bidea egiten lagundu lezake. Bacho lanean hasi eta 70 auzapezekin elkarrizketatu zen. Adibiderako, Uharte Garaziko auzapezarekin mintzatu zen: "Zer egin nahi dugun azaldu nion euskaraz, baina berak frantsesez erantzun zidan". Euskalduna izan arren, auzapeza frantsesez ariko zela espero zuen: "Auzapezak pikoa eman zidan. Ez genuela euskara bera ematen erratea ere. Nik 'ez dugula euskara bera ematen? Elkar ulertuko dugu', erran nion". Etsipen puntu batez mintzo da: "Nik aitaren eskuara dut, Oztibarrekoa hein batean. Amikuzekoa naiz eta Garazin lan egiten dut, Donazaharren. Nik ez badut bere eskuara ematen, beste probintzia, eskualde edo euskaldun berri batek, zer orduan?".
Zorroztasuna eskas da oraindik ere, gure solaskideen gurasoek izan zuten kuraia eskas da. Garai hobea bizi dute euskaltzaleek, baina hau ere ez da erraza, egoera berriak gainditzen ikasi behar dute: "Euskara ez da traba, erdaraz egiteko mentalitatea baizik. Alderdikeriatan sartu gabe, botere porroska edo handia duenak –interpretazioaren arabera– euskara baliatu behar du euskara bultzatzeko", diote biek. Politikariak frantsesez ari badira, herritarrek haien mintzoa dute eredu: "Alta, abertzaleen ideiak ari dira kontuan hartzen, abertzaleak ez direnek ere euskara salbatu behar dutela baitiote. Garai batean hori pentsaezina zen. Noski, elez erraten dute, gero euskaraz mintzatu? Zein heinetaraino? Heldu diren hamar urteetan ikusiko da ea politikari nagusiek hitzetatik obratzera pausoak ematen dituzten", dio Airek.
"Euskararen kontra dagoen politikaririk baden?", galdeturik: "Gero eta gutxiago, baina horrek ez du alde direla erran nahi. Euskara zertan den ikusirik, aski dute 'ez naiz kontra' esatea". Bachok honela dio: "Politikariak alde edo kontra diren eztabaidatzea bezain garrantzizkoa, uzkur agertzen diren politikarien jarrera ezagutzea da. Funtsezkoa da galdera konkretuak pausatzea. Adibidez, Herri Elkargoko batzorde batean euskaraz egitea erabakiko balitz, erdaldunek parte har dezaten bitartekoak jarri beharko lirateke. Baina, hautetsiek politika frantsesez egiten dute, hasteko legez horrela egiteko bortxatuak direlako. Galdera da, 'prest zaudete zenbait unetan euskaraz egiteko?'. Haatik, posible den kasuetan, euskaraz baitakite, ez dakigu akort diren, ez dugu oraino urrats hori eman. Euskara indartzeko parioa hor dago".
Seaska, AEK, Euskal Irratiak...
Seaska, AEK edota Euska Irratiak gabe, euskara ez litzateke egongo egun dagoen tokietan: "Gu haur ginelarik, gure gurasoen belaunaldikoek 'euskara hil urran da, fite, fite egin behar dugu' pentsatu zuten. Seaska sortu zuten eta erotzat hartu zituzten. Ez da haiek goretsiagatik, ez lukete nahi gainera, baina ez zaie aski aitorpenik egin". Xole Airek garai hartako adibide bat eman digu: "Guk, anaia-arrebak, fite ulertu genuen euskaraz aritzea politikari lotzea zela. Baigorriko kolegiora joan ginelarik zaila izan zen. Gelan sartzen ginen eta batzuk ele-meletan hasten ziren". Etxera joan eta "zer egiten dugu guk gaizki?" galdetzen zuten. Arrapostua: "Batzuek euskara eta borroka armatua lotzen dituzte". Egoera politikoa biziki minbera zen orduan. Aireren kezka nagusia bere alabei "euskaraz mintza!" erran behar ez izatea izan da. Euskaraz mintzo dira naturalki eta hori lorpen handia da, bere pozarako. Egun euskara ez da politikari lotua, edo ez hainbeste. Pario hori irabazia da.
AEK-ren lanaz mintzo da Mattin Bacho. Hona euskara ikasten ari direnei buruzko bere ikusmoldea: "Euskaldun berriek ez dute mugarik, ez badute hitz bat ezagutzen xerkatuko dute hiztegian edo galde eginen dute. Alderantziz, hainbat euskaldunek euskara ematen dute, baina betiko erranaldiak darabiltzate, eta mintzairan zerbait berri sartzen dugularik ez dute ikasten. Nik hor ikusten dut beste gogoeta bat egin beharra" .
Inkestak zuzenak izanez gero, 16 urtez gorako 50.000 euskaldun daude Iparraldean: "Baina ez dute erabiltzen. Euskaraz mintzatzea ez dute euskaldun berriek bezala hartzen, hots, konkista gisako bat bezala. Berehala erraten dute 'ez dakit nola erraten den'. Konkistatzaileen espiritua behar dute euskal hiztunek", dio Mattin Bachok. Xole Airek bat egiten du ikusmolde horrekin: "Badira euskara menperatzen dutenak, baina ikastolatik datozen haurrak entzun eta 'hori ez da eskuara, ez da gure eskuara' diote".
Aitzakia edo estakuru ote den? galdetuak: "Horiek ezin dute egoera gainditu, ez dute euskara gaurkotu nahi". | news |
argia-12c685a98847 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/txanponaren-beste-aldeak.html | Aldaketarako, lanean | Lander Arretxea | 2015-03-08 00:00:00 | Aldaketarako, lanean
KATAKRAK
Kokapena: Iruñea, Kale Nagusia 54.
Jarduera : Liburu salmenta, ostalaritza, eta kultur eskaintza.
Kide kopurua: 11.
Sukaldaria da Xabier Maeztu, baina ez du sekula igande eta jaiegunetan lanik egin behar izaten. Ez berak, eta ezta bere lankideek ere. Informatikaria izateko ikasketak egin zituen arren, praktikaren bidez eta pixkanaka ikasi du ofizio berria. Dena dela, labana eta mantala albo batera utzi eta ordenagailu edo konexio arazoak konpontzea egokitzen zaio maiz; ez baita ohiko jatetxe bateko sukaldaria, kantinaz gain liburudenda eta erabilera anitzeko aretoa ere badituen Iruñeko Katakrak "enpresa politikoko" kide baizik.
Hamaika dira guztira kooperatiba osatzen dutenak, eta Katakraken bertan egiten dute lan denek: liburu saltzaile gisa batzuk, sukaldean edo zerbitzari jardunetan besteek. "Uste dugu interesgarria dela ekimen hau modu profesionalean eta lanpostuak sortuz aurrera eraman ahal izatea", dio Maeztuk. Lan ordainduarekin, baina asanblada bidez eman diote forma Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusian gorpuztu duten proiektuari. Erabaki garrantzitsuenak astearteroko bileran hartzen dituzte, kide guztien iritzia aintzat hartuta.
Urtebete eskasean erreferentziazko bilgune bilakatu da Katakrak, eta "harrera bikaina" ari dira izaten. Hitzaldi, prentsaurreko eta abarretarako erabiltzen duten aretoa zein kantina jendez gainezka izaten da maiz. Zaila da ordea arrakasta hori ulertzea proiektuaren jatorria zein den jakin gabe. 2006an, Iruñeko herri mugimenduetan zebiltzan zenbait lagunek La Hormiga Atómica sortu zuten, liburuen bidez hiriko politikan eragiteko asmoz. Paperaren bueltan hasi zenak, kafetegi eta zentro sozial tankera hartu zuen laster, eta bost urteko ibilbide "emankorra" egin zuen, bidean kooperatiba bihurtuz.
Orduko balio eta egiteko modu bertsuetan oinarrituta sortu dute Katakrak ere, lan-talde, lokal eta erronka handiagoekin. Bidean ez dute herri mugimenduekin loturarik galdu, eta horrek berak ahalbidetu du hasierako asmoak gauzatu ahal izatea. Izan ere, proiektua martxan jarri ahal izateko gaur egungo lokala erosi behar izan zuten, inbertsio handia eginez. "Diruaren zati bat banku etiko bati eskatutako maileguarekin lortu genuen; beste zati bat ordea, lagun, senide eta abarren mailegu pertsonalek eta crowdfunding bidezko ekarpenek osatu dute".
Finantzazioa bezain aipagarria da euren eguneroko dinamika. Lan-orduen banaketa asanbladan erabakitzeaz gain, errotazio sistema bat ere badute. "Lankideen beharra nolakoa den ezagutzea garrantzitsua da euren azalean jarri ahal izateko". Horregatik erabaki dute asteburu eta jaiegunetan ez irekitzea. Maezturen arabera: "Liburudenda igandez irekitzea konpetentzia desleiala litzateke, eta hori itxita mantenduz gero, besteek ere jai izatea da bidezkoena. Halako egunak onak izaten dira taberna edo kantinarentzat, baina gure balioak diruaren gainetik daude".
"Hau dena aldatu nahi genuke" dio Kale Nagusira begira dagoen erakusleihoko estalkiak. Bide horretan, lan egin, lan-harremanak izan eta ekimen bat aurrera eramateko bestelako moduak badaudela frogatu dute dagoeneko. | news |
argia-76428eeeeb71 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/miguel-zugaza.html | "Museo bat bisitatzea zarata mundanoen zurrunbiloari uko egitea da" | Sustrai Colina | 2015-03-08 00:00:00 | "Museo bat bisitatzea zarata mundanoen zurrunbiloari uko egitea da"
"Udaberria loratu da, lorontzi baten barruan...".
Zure haurtzaroa museo bat balitz...
Gure etxea faktoria kulturala litzateke. Ama aski trebea zen pintaketan, eta aitaren [Leopoldo Zugaza] ekarpena azpimarratzekoa da azken hamarkadetako euskal kulturan. Kultur ekimenak egosten ziren eltze batean sortu ginen. Argitaletxe baten sorreraz hausnartzen zen, Durangoko Liburu Azoka martxan jartzeaz, aitaren Bilboko Arte Ederren Museoko jardunaren lehen printzak iristen zitzaizkigun, Rafael Ruiz Balerdi edo Eduardo Chillidaren muntako artistak etortzen ziren bisitan... Aspirinak uretan baino eferbeszentzia gehiago zegoen geurean. Aldaketa beteko mundu batean sortzeko zoria izan dugu, eta umezaroan aldaketa horien lekuko zuzen izan arren, apenas hartu dugun parte helduaroan mugitu garen errealitatearen sorreran. Oharkabeko aprendizak ginen. Orain profesionalki egiten dudana txiki-txikitatik bizi izan dut etxean. Orduan arnastutakoa betiko gelditu zait.
Bizitza eta mundua ulertzeko arnasa da artea?
Arnasetako bat. Arteak hainbeste liluratzen bagaitu, bidean seinaleak jartzen dizkigulako da, dugun eta izan dugun mundu ikuskeraren itzultzaile behinena delako. Hondorik gabeko ontzia da artea eta jakintza, historian metatutako aurrerapena eta gizakiaren anbizioa pausatzen dira bertan. Ez da alferrik egungo artea garai nahasi baten isla. Bizi ditugun nahi eta ezinak zein paradoxak agertzeaz gain, izugarri desmaterializatu da. Gutxiago du objektutik eta gehiago pentsamendutik. Hori hala, Santimamiñe edo Altamirako artista anonimoen garaian bizi zen lekuan bizi da artea: mundua norbere erara erreproduzitzeko bulkadan. Formak, fazeta artistikoak edo ñabardurak aldatu arren, historiaurretik gaur arte oso gutxi mudatu da artearen funtsa.
Zertan datza museo on baten funtsa?
Museo on batek obra zoragarri bezain garrantzitsuak kontserbatzeaz gain, gertatu dena nahiz gertatzen ari dena aztertu, ulertu eta gizakia denboran zehar zer izan den agertu behar du. Museoaren balorea oso lotuta dago kontserbatzen dituen bildumen ondareari, baina ondare orok beste gorputz bat hartzen du heziketa publikorako tresna bihurtzen denean. Horregatik zaio ezinbestekoa museo bati daukana jakintzaz jantzi eta jendarteari arrastoa uzteko gisan transmititzea. Alabaina, ez gaitezen engaina, museo baten arrakasta ez da bisitari kopuruaren arabera neurtzen. Hori arrakasta literarioa salmenta kopuruaren araberakoa dela aldarrikatzea litzateke. Adierazle bat dela? Ados, baina ezin gaitu gure eginbidetik desbideratu. Museo handi bat bisitari kopuruaren arabera epaituko bagenu, eta museo horrek ez balu bere iparra argi, bere misiotik desbideratu eta bere ortodoxiari traizio egiteko arriskua leukake bisitari kopurua emendatzeagatik soilik. Horrek ez dauka zentzurik. Pradoko zuzendari naizen 13 urteotan erreferentziatzat dauzkadan erakusketak ez dira bisitatuenak izan. Ekarpena kuantifikatzea nekeza izan arren, museo batek ezin die erakusketa horiei uko egin. Bere zinezko misioan sinesten badu, aurrera egin behar du.
Atzera eginez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan zinen 1996tik 2002ra.
Aldaketa aro bat zen: Bilbo eraldaketa prozesuan murgilduta zegoen, Guggenheimen eraikuntza sasoia zen. Aldaketaren ikurrak kultura eta artea baldin baziren, Arte Ederren Museoa ezin zela armairuan gorde ulertaraztea izan zen gure azertua. Horri esker lortu genuen Guggenheimen haizea alde jartzea. Bernardo Atxagak ezin hobeto definitu zuen bi museoen arteko harremana. Berpizkundeko katedral batekin konparatu zuen Bilbo, non katedral handiaren eraikuntza baliatzen zen baptisterioari argia emateko. Horregatik diot Guggenheim zinezko ekarpena dela bai artearentzat bai Bilborentzat. Oso gutxi dira munduan eraldaketa arte museo baten inguruan ardaztu duten hiriak. Urbanismoari eta ekonomiari eman dionaz gain, artearen ikuspegi global oso aberats batez zipriztindu du Bilbo.
Hitz egingo genuke Guggenheimen ekarpen artistiko eta kulturalaz bere pisu ekonomikoa hutsaren hurrena balitz?
Museoaren eragin ekonomikoak itzalpean utzi du bere ekarpen artistiko eta kulturala. Arkitektura egitasmoaren ausardiak eta ikusgarritasunak begiradak azalarekin itsutu arren, mamia izugarri zaindu duen museo batez ari gara. New Yorkeko eskaintza daukazu, non eta Bilboko zabalgunean! Oso museo gutxi daude munduan artista baten alde Bilboko Guggheimek Richard Serraren alde egin duen legez apustu egin dutenak. Oso erosketa onak egin dituzte, kulturaren Mcdonalizazioari eta frankizia izaerari aurre egin diete nortasun propioa lortzeko... Ez gara ohartzen zer den Europako museo erakargarrienetakoa Bilbon egotea eta ez Parisen, Londresen, Berlinen edo Madrilen. Herrenak dituela? Konforme, baina bere dimentsio kulturala injustuki larrutu dela uste dut.
Erakargarritasunaz ari gareno, zergatik dakit museo batera sartu aitzin zeintzuk diren nahitaez ikusi beharreko lan gorenak?
Sinesgaitza iruditu arren, ez dago jendartearen gustua baino aldakorragorik. Egun argiki bereizten ditugu Pradoko maisulanak, baina 1819an, museoa zabaldu zenean, beste batzuk ziren gurtzen ziren obrak. Orduan Rafaelen La Perla zen egun Velázquezen Las Meninas dena. Horregatik diot museo batek ez dituela bere obrak ikono bihurtu behar. Zer gertatzen da Louvren? Gioconda ikusteko erromesaldiak beste obrak gutxiesten dituela. Nahiago dut kalitatezko obra asko ukan ikono bihurtutako maisulan bakarra baino. Maisulan horrek gehiegi baldintzatzen du bisita, erabateko itzala egiten die ingurukoei, museoa hankamotz utziz. Pradora itzuliz, sinetsita nago noizean behin Las Meninas tapatu behar genukeela jendeak gainontzeko obrak gehiago preziatu ditzan. Publikoarekiko ardura bat daukagu, bisitari inteligente bihurtu behar dugu jendea, irudikatzen ez dituen lanak jarri behar dizkiogu bidean. Museo guztietan daude altxor ezkutuak, eta horiek topatuaraztea bezalako osasun sintomarik ez dago museo batentzat.
Osasun sintoma da obra batek bere burua defendatzeko hainbesteko diskurtsoa behar izatea?
Arteak badu hitzekin azaldu ezin litekeen aura bat, baina batzuetan auraz beste egin eta obrak hitzez kargatzen ditugu. Esaterako, oso gutxi dakigu Velázquezen aipu eta usteez, baina bere obrek gure interpretazioa kitzikatzen dute, kasik iritzia ematera behartuz. Artea elkarrizketa, inpresio, sentimendu eta aldarte sortzailea da berez. Besterik da hori marketin bihurtzea. Are gehiago, nire ustez museoek ez lukete marketinik egin behar. Ez gaude produktu bat merkatuan kokatzeko. Museoan egiten dugun lanak oihartzuna izatea nahi dugu, ahal bezainbat jenderengana iristea dugu xede, baina marketin klabeetan pentsatzeak gure oinarrizko misioa lizunduko luke. Hori hala, garbi daukat artean edertasuna eta jakintza txanpon beraren alde biak direla. Pradora gauza ederrak soilik ikustera bazatoz, altxorraren zati handi bat galduko duzu bidean. Artea ezagutza sistema bat baita, ideien unibertsoa eta mundu erreala uztartuz jakintzan aurrera egiteko tresna bat, eta maisulan bat ez da sekula maisulana izango ongi pintatuta dagoelako soilik. Artea beti da begirada batean dirudiena baino konplexuagoa.
Nola uztartzen dira exijentzia intelektuala eta orotariko publikoari zuzendutako eskaintza?
Artea ez da entretenimendu hutseko lur bat. Ezin diozu jendeari besterik gabe ongi pasatzera etortzeko esan. Jakin-mina duenak, iraganetik ikasi nahi duenak, edo artea ezagutza tresnatzat duenak ederki pasako du, baina besteentzat ez daukagu miraririk. Ezagutzaren bide-zidorretan barnako akuilu eta heldulekuz josita dago Prado, baina zuk egin beharko duzu bidea. Nire erronka gorena ez da bisitariek ongi pasa eta gozatzea soilik, irteeran sarreran baino jantziagoak izan daitezen nahi dut. Hala, museoetara datorrena jendartearen elitea dela diote zenbakiek. Iaz, 2,5 milioi bisitari izan ziren gurean. Asko da, izugarri, baina ez uda Ibizan igarotzen dutenak beste. Bidaiatzeko aukerak ugaldu arren, oraindik ere pribilegiatu batzuk dira Madrilera etorri eta Prado bisitatzeko denbora eta sosa dutenak. Horrek arlo digitalean sakontzera eraman gaitu. Artea demokratizatzeko bidean, gure lan eta bildumak jarri ditugu sarean zintzilik. Orain hamar urte tabua zen, arima deabruari saldu izana leporatzen ziguten, baina gure eginkizunaren hedapen kanal zoragarria da internet.
Atzerrian museoak bisitatzen dituenak nolatan ez ditu bere inguruko museoak zapaltzen?
Ulergaitza zait. 2007an, Pradoko handitze lanak inauguratzean, inguruko herritarrak museoarekin harreman bat proposatuz limurtzen tematu ginen. Zergatik? Inaugurazio aurretik madrildar baino iparramerikar gehiago hurbiltzen zitzaizkigulako. Hori oso seinale eskasa da, zerbait oker egiten ari zarenaren sintoma. Urrutikoa auzokoa baino errazago konbentzitzen baduzu, komeriak! Zorionez, erakusketa ezberdinei esker, bertakoen arreta berreskuratu dugu. Museoa etengabe azalberritzeko balio digute. Museoak ez direla aldatzen uste baitute askok, behin bisitatu eta betiko ikusita geratzen direla, baina museo on batek beti eskaintzen dizu txinparta berri bat, ordura arte zabaldu ez zenuen ate bat.
Txinpartak ez, azkenaldi luzeko diru-laguntza publikoen murrizketek kea eragin dute.
Horregatik diot akademikoki sasoi itzelean gaudela, baina baliabidez herren. Azken hiru urteetan aurrekontu publikoaren %60 murriztu digute. Gure bildumari eta lantalde osoaren jakintza eta ekinari esker goaz desertuan aurrera. Ikusi besterik ez dago, Louvrek 100 milioi euro jasotzen ditu urtero diru-laguntza publikoetatik, Pradok 12 milioi, eta hala ere, liga berean gaude! Demaseko ahalegina egin dugu gure aurrekontuak diru-sarrera propioekin orekatzeko. Azken bi urteotan, gure aurrekontuaren %70 autofinantzatua da. Pradoren oinarrizko baloreak eta tamainak ahalbidetzen dute lorpen hori, baina gurea ez da museo guztiei aplikatu dakiekeen araua. Ez gaitzatela murrizketak justifikatzeko erabili, ez delako bidezkoa batetik, eta gu ere muga-mugan gaudelako bestetik.
Galdera inozo bat: zergatik murrizten da lehenik eta gehienbat kulturan?
Autokritikoak izanez, ez dugu jendartea konbentzitzen jakin, ez diogu kultura lehentasunezko zerbitzu publikoa dela ikusarazi. Osasungintzan edo hezkuntzan murrizketak iragartzen badira jendea mobilizatzen da, baina kultura kolpatzen denean nor ateratzen da kalera? Ez daukagu kultura ez ukitzeko aldarrikatzen duen jendarterik. Ingalaterran, museoak doakoak dira eta hori aldatzen saiatu direnero erantzun du jendeak. Bitartean, gu ez gara gai izan agintariak museo bat zabalik mantentzea ospitaleko gela edo ikasgela bati zabalik eustea bezain beharrezkoa dela ohartarazteko. Baina zergatik ez ditugu agintariak konbentzitu? Jendartea konbentzitzeko gai izan ez garelako. Jendartearen presioa kokotean sentitzen ez duteno, politikariek berdin jarraituko dute.
Berehalakotasunaren eta etengabeko estimuluen selfia da jendarte hau. Museoek, alta, pausa eta denboraren perspektiba eskatzen dute. Bateragarriak dira?
Iragan zein geroari so, ezinezkoa da gure garaiak kutsatu gabeko esperientzia lantzea. Horregatik diot parentesia dela kultura. Museo bat bisitatzea zarata mundanoen zurrunbiloari uko egitea da. Ez da tenplu sakratu batean sartzea, baina bai denborak beste dimentsio bat duen eta ideiak airean zintzilikatzen diren mundu batean murgiltzea. Ez da kasualitatea Pradon argazkiak hartzea eta smartphonen erabilera debekatuta egotea. Horregatik kritikatzen gaituztela badakit, baina nik jendea obrak ikustera etortzea nahi dut, ez selfiak egitera. Ez nago trepeta teknologikoen aurka, baina hori da obraz gozatu eta jendeak tabletari ez begiratzeko topatu dugun modu bakarra. | news |
argia-2f56cafdf12e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/zapaltzailearen-takoiak.html | Zapaltzailearen takoiak | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-03-08 00:00:00 | Zapaltzailearen takoiak
Orain bi hilabete eskas, Nekane San Miguel, Mari Luz Esteban eta Isabel Otxoak iritzi artikulua plazaratu zuten Berria egunkarian, honako gai honen bueltan: ETBn eguraldiari buruzko informazioa ematen duten emakumeen janzkera. Zehazki, aurkezle horien zapatak ekarri zituzten hizpidera, takoi garaiak ibiltzen ditu-eta, erruz, Ana Urrutiak. Hurbileko takoiak deitzen zen testua eta autoreek zioten, besteak beste, takoiak ez direla erosoak eta osasun arazoak sortzen dituztela, pertsonaren mugitzeko gaitasuna ikaragarri mugatzen dutela, eta, azkenik, irudiak ez direnez, ez, inuxenteak, telebistako prime timean gisako oinetakoekin apaindutako emakumeek eredu oso zehatz bat bultzatzen dutela, behatua izateko objektuarena.
Gaiak soka luzea ekarri zuen, eta niri akordatu zitzaidan irudiek ez ezik hitzek ere balio dutela estereotipoak birsortzeko eta gizartearen ordenamendu funtsean maskulinoa sasoiz sasoi berrindartzeko. Akordatu zitzaidan Inma Errea itzultzaile eta idazleari entzundako solasaldi bat; bertan, Erreak ariketa interesgarri bat ekarri zigun: tradizioz emakumeei edo gizonei lotzen zaizkien objektuen izenak bilatu zituen Ereduzko Prosa Gaur datu-basean. Takoi hitza sartuta, literatur testuei zegozkien 236 adibideetatik, puska handi batek emakumeen takoi zorrotzei egiten zion erreferentzia, eta adibide horietan azpimarratu egiten zen emakumeak zer ziren sexiak, takoiak soinean zituztela. Literaturan, hortaz, takoiak emakumeei eta horiek kitzikatutako sexu desirari lotuta agertzen zaizkigu, eta ez, esate baterako, herrenka dabilen norbaiten ortopedia-oinetakoei.
Edonola den, minen akordatu zitzaidana beste kontu bat izan zen, telesail oso B mailako bateko kapitulua, Modern Family-koa, alegia. Mota horretako ekoizpenek, entretenimendu xamurra sortzea eta ikus-entzuleen gehiengoarekin bat etortzea helburu, ez dizute galdera existentzial sakonegirik plantearazten; bazka ematen dizute, ordea, ikerketa soziologiko xinple batzuk egiteko, hau da, sozialki onartua dagoenari tankera hartzeko, nahiko modu errealistan. Kapitulu zehatz hark gordin ikusarazi zidan takoien beste funtzio bat, ezinago perbertsoa.
Honatx trama: familia modernotzat saldu nahi dituzten arren, mamian ikaragarri tradizionalak diren hiru familia protagonistek –ez diotenez errotikako kontra-proposamenik egiten senitartekotzaren oinarrizko zimenduei– txangoa antolatzen dute atrakzio-parkera. Bikote gayak ez daki zer egin alaba txikiarekin, gora eta behera baitabil jauzika, eta deskuidatzen direnero, parkeko beste muturreraino joana dela egiaztatzen dute. Hasiera batean, saiatzen dira umeari txakur-uhal batekin eusten, baina jendeak gaitzespenez begiratzen diela-eta, bazter uzten dute estrategia hori.
Orduan, haurraren aitonak, bera baino 30 urte gazteagoa den emakume batekin ezkondua, epifania betean deskubritzen du andrea hain sarritan ozpinduta egotearen arrazoi nagusietako bat dela, azken buruan, takoi izugarri deserosoekin ibiltzen dela beti. Flashbackean gogoratzen du nola itxaron behar izaten dion kaletik doazenean, nola eman behar izaten dion eskua eskailerak jaisteko. Bonbilla artean ñir-ñirka, merchandising-denda batera sartu eta printzesa-zapatatxo (takoidun) batzuk erosten ditu bilobarentzat, horiek oinetan dituela ez baitu posible izango harrapatu ezineko moduan urruntzea, aske ibiltzea.
Txakur-uhala ez bezala, zapaltzailearen takoiak ez ditu inortxok ere begitan hartzen. | news |
argia-0f2545df479b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/orain-porru-haziak.html | Orain porru haziak | Jakoba Errekondo | 2015-03-08 00:00:00 | Orain porru haziak
Aurten sekula baino har gehiago ikusi dut porruetan ( Allium porrum ) barrena. Acrolepiopsis assectella izena duen har ttiki txatxu batek porruaren bihotzean zulobidea egiteko ohitura du. Porrua begi bakarreko landarea da; hosto guztiak kimu bakar baten bueltan hazten dira, baita gero lorea emateko tontortuko den gara ere. Kimu horretan sortzen dena, guriaren gurienean, bapo janez hazten da harra. Udaberrian eta udan tximeleta etortzen da, eta porruan edo inguruko lurrean arrautzak jartzen ditu. Horietatik har ttikiak jaioko dira, eta zuzenean bereari ekingo diote: jan eta jan. Harrak erosi dugun porru landarean bertan etor daitezke. Baita aldatu ondoren ere, tximeletaren arrautzetatik. Ez da intsektu askorik, porruari erasotzen dionik, haren berezko defentsa naturalak –usain eta dasta biziak– gaindituta. Gaixtoena, har petral horixe.
Orain neguan hotzak pasa dituenean jartzen da porrua gozoena. Porrusalda suspertzaile bat egiteko asmotan baratzera jo eta ustekabea, har lotsagabe arraioa! Nazka apur bat ematen du. Porru ederra sartu digu harrak. Zenbaitek porrurik gehiago hartu ere ez.
Neguan harrik gabeko porrua nahi izanez gero, bi lan hartu, zein baino zein errazagoak. Lehena, landarea muintegitik atera eta aldatu aurretik 36-48 orduz eguzkitan edukitzea. Ondo lehortu dadila. Negarrez ari den ilobak bezala, pena pixka bat ematen du; baina landareak ez du sufrituko. Har txikia barruan apopilo badarama, hark bai; hura ur faltak akabatuko du. Gero, landarea aldatutakoan, erruz ureztatu, sakon eta sarri, ondo itsatsi arte. Bigarrena, porru tartean azenarioak jarri, edo aurrez azenarioak ereindako errenka artean porru arroilak edo errelduak. Azenarioa bezala apioa; horien usaina ez zaio gustatzen tximeletari, eta ez da hurbilduko. Aldameneko baratzera joango da.
Gero, ez ahaztu, porru saila atera bezain pronto lurra harrotu. Hurrengo urterako han jarri dituzten arrautzak babesik gabe utziko dituzu.
Lantxo horiek hartuz gero, ezetz porru harrik izan hurrengo neguan! | news |
argia-3ea1e3373b19 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/benetako-partida-bi-hilabete-barrukoa.html | Benetako partida, bi hilabete barrukoa | Fermin Erbiti | 2015-03-08 00:00:00 | Benetako partida, bi hilabete barrukoa
Osasunaren hamaikako bakarra dakit buruz, oso aspaldikoa: bigarren eta hirugarren dibisioaren arteko joan-etorrietan zebilen garaikoa. Memoria apetatsuari orduko irudi bat eskatuz gero, Bosmediano ikusten dut. Zelai erdian baloia harturik, ezker hegaletik gora doa, ziztu bizian. Aitzina egin ahala, harmailetako orroaren oihartzuna handitzen doa, Ostibar ere area txikian sartu baita kanariarraren erdiraketari buruz erantzuteko asmoz.
Aita eta anaiarekin Sadarren eginiko igande arratsalde urrun haiek puruen usainari daude loturik; arbitroaren aurkako oihuak ere gogoan dauzkat, bai eta norgehiagoka amaitu bezain laster tabernetan banatu ohi zuten La goleada berri paper mehea, arratsaldeko emaitza eta sailkapenekin.
Fermin Ezkurra zen Osasunako orduko presidentea. Iruñeko Kutxako arduradun, kutxak berak jarria zuen postuan kluba erreskatatu ondotik, zorra kobratzeko berme hoberena zelakoan. Diputazioan Amadeo Marco errekete zaharra zegoen, eta Uranga zen Nafarroako Kutxako burua, Diario de Navarrako zuzendariaren anaia. Nafarroa arragoan kolore iluneko jauntxokeria nagusi, bistan denez.
Urteen joan-etorriak aldatu egin ditu elkarren arteko harreman estua duten hiru instituzioetako arduradunen izenak: Sanz-Barcina Gobernuan (eta Caja Navarran), Izko-Artxanko Osasunan, Goñi kutxan. Izanetan aldaketa handirik ez dugu ezagutu, ez onerako behintzat. Orduko jauntxokeriari aberats berriek dirua xahutzeko duten joera gehitu zaio, guztion kalterako. Momentuz, Kutxa pikutara joan da, Osasuna bide beretik doa eta agintarien kudeaketa ekonomiko arduragabeak kili-kolo utzi du Nafarroaren bidegarritasuna.
Osasunako arduradunak erreskate eske joan zirelarik, Nafarroako Parlamentua bi zatitan banatu zen. Klubari hirurogei milioiko zorra pilatzen utzi dion UPN, sozialistak eta PP tratua berehala sinatzearen alde agertu ziren. Oposizioko taldeek, ordea, lehenbizi kontuak argitu behar zirela azpimarratu zuten.
Berriki jakin dugunez, hura argitzea zaila zen, dena kakaztuegi zegoelako. Gobernuak irabazi zuen bozketa, ordea, oso argigarria izan zen, maiatzeko partidaren gakoa islatzen baitu. UPN-PSN-PP hirukoteak 26 parlamentario lortzen baditu, egina dago gobernua. Bestela, abertzaleek eta Podemosek hartuko dute Diputazioaren jauregia. Esan beharrik ez dago: hori erabateko hondamendia litzateke batzuentzat; bestentzat, berriz, Nafarroa arragoa haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabe bihurtzeko aukera. | news |
argia-849545b1ae56 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/ahots-gabekoen-garrantzia.html | Ahots gabekoen garrantzia | Iker Barandiaran | 2018-06-10 00:00:00 | Ahots gabekoen garrantzia
Andoni Fernandez Azkaraik izugarrizko lana egin du 1977tik 1989ra bitartean Bizkaian punkaren bueltan izan ziren talde ezezagunak gogora ekartzen. Diskorik argitara eman ez zuten 60 talde aukeratu eta horien protagonistei elkarrizketa zabal eta entretenigarriak egiteaz gain, itzalean gelditu diren maketak berreskuratu eta digitalizatu ditu; edozeinek deskarga ditzake mierdadebizkaia.bandcamp.com webgunean.
Barakaldok pisu handia hartzen du bilduman, punkaren loraldi garrantzitsua izan zuelako: zuzeneko bortitza zuen Corrupción; The Clash gogora ekartzen zuen 091; pop eta punk-etik zuen Isidoro y su Colección de Puertas Plegables (Yo Soy Julio Cesarren hazia); umorea eta punka uztartzen Pleonakis Plektos; hardcorearen aitzindari Mierda Radiaktiva; Miserables destroyerra; odol berria ekarri zuen Komando Batikano; eta berpiztutako Audiencia Nacional, besteak beste. Gurutzetatik Trapu Zaharrak klasifikaezina; Basauritik P.Ko Putreak eskema apurtzaile; Escombro aintzindaria (Portugalete); Bahia de Kotxinos (Santurtzi) gogoangarria; eta herri bereko Artrosis eta V. Asamblea. Baita Sestaoko Nazkatutak ere, 77ko punka.
Bilbo handiak ere zeresana du: Kike Turmixek sortutako N-634; Ortopedia Ocular neska talde aitzindaria; Medanos de Singapur punk-pop-eroa; rock-and-rolla, punka eta afterpunka batzen Primitivos gogoangarria; MCDren aurrekari Gazte Hilak; trikitixa eta panderoarekin eskandaloa sortu zuen Tarratada neska bikotea; Karne de Kotolengoren ska-punka; Su Santidad-en punk primitiboa; Hau Nazka-ren hardcore-punka; Sarraski hardcore laukotea; eta Elizaren kontrako Estropicio, besteak beste.
Eskualde gehienak daude ordezkatuta: Durangaldeko Skakeo-ren 77ko punka; Miseriaren ska; Poliputos zaratatsua; Estupidofaciente lotsagabea, eta Amonal punkya. Erandioko Pispulutos punkya; Kiskillas Farrangosas punk-rockeroa; Descendencia Dudosa punk konbatiboa; Deskonzierto punk melodikoa; eta Pus de Rata.
Baita ere Ermuako Banko de Esperma punk-hardcorea eta Anarkitarrak punkya. Urdabaiko Zurrapak punk eta rock-and-rolla; Gernikako Xe Osti punk-ska; Fosa Comun siniestroa; Mundakako Salida de Emergencia; Nueva Religion talde misto getxoztarra; eta kostaldetik Etsaiak-en aurrekari Askatu, zein Ondarroako Kriston Atxurre. | news |
argia-9114df4387d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/ariyo-antxon.html | Ariyo, Antxon | Jose Ignazio Ansorena | 2018-06-10 00:00:00 | Ariyo, Antxon
Honen eta antzeko herri abestien indar dramatikoa lehenengoz Manuel Lekuonak aztertu zuen:
Itsasoa laino dago
Baionako barraraino.
Nik zu zaitut maiteago
arraitxoak beren
umeak baino.
Aurrenik girotzeko irudi bisuala eta zapla mamia. Etena deitzen den teknika. Apaiz hau 1936ko Gerran Lasarteko Brigiden komentuan babestu zen, nazionalek akabatuko zuten beldurrez. Ondoan jaio zen Antxon Mercero urte horretantxe eta, sei hilabeteko haurra zelarik, aita akabatu zioten gerra mendekuan. Antxonen ama maiz hurreratu zen On Manuelengana kontsolamendu eske. Honen iloba, Andoni Unanue Lekuona, izan zen hil arte, Antxonen adiskide minena.
Antxon 1990ean ezagutu nuen, filme batean neuk paper bat betetzea nahi zuelako: Está lloviendo y te quiero. Etenaren teknika izenburuan. Antxonen haur eta gazte garaiak ekartzen zituen gogora, Francoren urterik latzenak, ikuspegi kementsu, errealista eta herrikoitik. Filmea ez zen inoiz errodatu. Mandamasetan inori ez omen zitzaion gustatu haren kuraia librea eta ez zioten inongo laguntzarik eman nahi izan, ez Madriden, ezta Euskal Herrian ere.
Burutu ez zen filme horrek gure adiskidetasuna mamitu zuen. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen zale porrokatu bihurtu zen eta Madrilgo biloba ugariek –horretan ere emankorra izan baita– euskarazko gure bideoak ikusten zituzten eta buruz ikasten.
La hora de los valientes –zorrotz, umoretsu eta samurra– egin zuenean ere, Espainiako agintariek ez zuten ontzat hartu anarkisten aldeko hautua eta boikot modukoa jasan zuen, filmeak tamainako sariak lortu arren. Berari bihoztun izateko ordua apur bat geroago iritsi zitzaion. Zerbait gertatzen ari zitzaiola konturatuta, Mediterraneoko inmigrazioari buruz –orain hamabost urte!– ilusio handiz prestatzen ari zen filma bazterrean utzi eta Y tú ¿quién eres? Alzheimerrari eskainitakoa ondu zuen. Prestatu bitartean, Espainian barrena jira-buelta handia eman zuen bere lagun ugariak bazkaritara gonbidatuz. Geroago jakin genuen azken agurra zela.
Behin inor agurtzeko Ariyo esaten entzun zidalarik, berehala aipatu zidan: "Amak eta Lasarteko baserritarrek horrela agurtzen zuten, Ariyo . Ez orain zabaldu den Ayo hegamotzez".
Negu honetan euria izan dugu goitik, behetik eta alboetatik ere. Antxonek buruan geratu zitzaion filman Está lloviendo y te quiero aukeratu zuen izenburu: euskaldunoi esaten zigun hori. Gidoiaren bukaeran borroka armatuaren amaieraren iragarpena zetorren. Kointzidentzia kosmikoa ematen du: ETA desegin da bera hil baino egun gutxi lehenago.
Jada atertu du, baina maite zaitugu. Ariyo, Antxon. | news |
argia-c61af93fce92 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/elikadura-burujabetza-nafarroako-parlamentura.html | Elikadura burujabetza Nafarroako Parlamentura | Garazi Zabaleta | 2018-06-10 00:00:00 | Elikadura burujabetza Nafarroako Parlamentura
Ezohiko itxura hartu zuen maiatzaren 15ean Nafarroako Parlamentuko hemizikloak: Mundubatek, Mugarik Gabe Nafarroak eta IPESek antolatuta, II. Elikadura Burujabetzaren Parlamentua egin zuten bertan. Nekazari eta ekoizle txikiek, Udaletako zinegotziek, INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko ordezkariek nahiz kontsumo talde eta hainbat kolektibotako kideek bete zituzten parlamentuko eserlekuak egun horretan, parlamentariekin batera.
Bi urteko prozesuaren emaitza
Iaz hasi ziren elkarteak Nafarroan zehar, merindadez merindade, elikadura burujabetzaren gaineko saioak egiten. Gobernantza lokal eta eraldatzailea elikadura burujabetza eta genero berdintasun gakoekin izenburupean, zonalde bakoitzeko ekoizle, udaletxe, elkarte, garapen agentzia eta bestelako eragileekin elkartu ziren bertako errealitateen gainean hausnartzeko.
Segituan ohartu ziren, merindade batetik bestera mugituta ere, antzeko arazoak zituztela. "Merindade guztietako egoerek partekatzen dituzte gauza asko, esaterako, nekazari txikia desagertzen ari dela bizirauteko geroz eta zailtasun gehiago dituelako". Urteetan bultzatu diren nekazaritza politikek eta merkatuaren joerek zerikusi zuzena dute egoera horrekin, Gotzone Sestorain prozesuko eta parlamentuko partaide eta ekoizlearen ustez.
Elikadura osasuntsua, herrien biziraupena eta justizia soziala
Merindade guztietako diagnostikoen aurkezpena egin eta gero, Nafarroako Gobernuari zuzenean hainbat neurri har ditzala eskatzeko erabili zuten partaideek Elikadura Burujabetzaren II. Parlamentua. Zer neurri? Lurra azpiegitura erraldoietatik eta espekulaziotik babestea, elikadura burujabetzaren gaineko formazioa bultzatzea, tokiko elikadura publikoak lantzen jarraitzea, indartzea eta koordinatzea, nekazaritzako eta abeltzantzako lege higieniko-sanitarioak ekoizle eta eraldatzaile txikien profilera egokitzea eta salmenta zuzenaren legea garatzea eta gazteak nekazaritzan sartu ahal izateko baldintzak malgutzea, besteren artean.
Azken batean, nekazaritza eta abeltzaintza politikak euren eredura egokitzea izan da parte-hartzaileen eskari nagusia. "Nafarroan badira tokiak husten ari direnak, eta belaunaldien arteko erreleboa emateko nahitaezkoak dira horrelako politikak lehenbailehen martxan jartzea", dio Sestorainek. Behe Nafarroako merindadeko ordezkaria ere izan zuten bertan: Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kide batek azken urteetan Ipar Euskal Herrian martxan jarri dituzten proiektuak eta egin duten bidea azaldu zuen parlamentuan. Hegoaldeko lurraldean bide hori hasi besterik ez da egin… | news |
argia-ee335349f3a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/erakusleiho-hirian-distira-propioari-eusten.html | Erakusleiho-hirian, distira propioari eusten | Amaia Lekunberri | 2018-06-10 00:00:00 | Erakusleiho-hirian, distira propioari eusten
Apirilaren 26an Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuen bere burua Piztu Bilbo, Itzali MTV plataformak. Hilabeteko tartearekin hitzartu garenerako, ostera, plataformak eragile izaera bereganatu duenez, aurrerakoan bere dinamika propioa eramango duela nabarmendu du bertako kide den Peio Ibañezek. Kolektibo ugaritako errepresentazioa duen taldea izanik, esan daiteke helburu berberarekin elkarlanean aritzeari neurria hartu diotela.
Kezka berberak bildu ditu Bilboko herri mugimenduko sektore ezberdinak Piztu Bilbo, Itzali MTV eragilearen baitan: EAEko erakundeek herritarron bizi esparrua eskaparate gisa erabiltzeko daukaten joera, eta horrek hirian eragiten duen aldaketa bortitza. 'Basque Country-Euskadi' markarekin Euskal Herriari enpresa izaera ematen ari direla azpimarratu dute eragileko partaideek, eta salatu dute "merkataritza-jarduera kultur ekintzen gainetik" jartzen dela. Horren adierazle bezala identifikatu dituzte turismoaren gorakada eta honekin hertsiki lotuta, instituzioek erakarritako makro-jaialdi eta ikuskizunak: BBK Live, Red Bull Cliff Diving jauzi lehiaketa, Europako Errugbi finalak, UEFAren 2020ko Eurokopa edo MTV European Music Awards bera. Azken jaialdi honek kultura globalizatu eta kontsumistaren adierazgarri gisa daukan karga sinboliko nabarmena kontutan hartuta, berau aprobetxatzea erabaki dute "herri identitatea ezabatzera bideratutako hiri eredua salatzeko". Salaketa hutsa egitetik harago, ordea, bestelako hiri eredu bati balioa eman nahi diote.
Musikariak saritzean datzan MTV EMA 2018 jaialdia azaroaren 4an egingo da Barakaldoko BECen, eta pribatua denez gero, gonbidapena dutenak besterik ezingo dira bertan egon. Aurreko egunean, azaroaren 3an, jaialdiarekin batera antolatu ohi den kontzertua egingo da San Mames futbol zelaian. Honako jaialdi hau ez da pribatua izango, baina sarrera ordaindu beharko du zelaira sartu nahi duenak. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikotik 3 milioi euro bideratu dituztela azpimarratu du Ibañezek, pribatua den ekitaldi bat ordaintzeko, "elitista" eta "baztertzailea" deritzon diru publikoaren erabilera desegokia bistaratuz. Gainera, "kantitate hori ekitaldiaren publizitate gastuei soilik" dagokiela salatu du. Azaldu duenaren arabera, 3 milioi euro horien baitan ez dira sartzen aurrekontua nabarmen igoko duten beste hainbat gastu: BEC eta San Mames alokatzeak, edota bilduko den jendetzaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren anbulantzia eta suhiltzaileak lanean edukitzeak, aurrekontua puztu egingo dutela azaldu digu. "Udalak 44 milioiko diru itzulera eragingo duela dio, baina hori ikusteko dago" dio mesfidati, agintariek diru-iturria ikusten duten tokian zuloa ikusten duenaren eran.
Jolas-parkea hiri eredu neoliberalaren metafora gisa
Nabari zaio Ibañezi, azalpenak ematerakoan, iaioa dela bere irakasle ogibidean. Instituzioetatik bultzatzen ari diren hiri-eredua azaltzeko, jolas-parke bat jarri du adibide gisa: parkeak jendea erakartzen duen atrakzio nagusi bat izaten du beti, baina urteekin modaz pasatzen joan ohi da; eta jendeak parkera joateari utzi ez diezaion, atrakzio berri eta liluragarriago bat eraikitzera behartuta ikusten dute beren burua parkearen jabeek. Atrakzio berria martxan jartzean jende uholdeak berriz parkera joateari ekiten dio, eta horrek inguruetan hotel gehiago eraikitzera eta trafiko-arazoak saihesteko azpiegituretan inbertitzera eramaten ditu arduradunak. Eta horrela etengabe, ondoko hirian bezeroek gustukoagoa duten jolas-parke erakargarriago bat eraiki arte.
Jolas-parkearen metafora erabilita, "modelo ekonomiko batekiko dependentzia sortzen duen" hiri-ereduaren dinamika argi azaldu du Ibañezek. Hiria bera jolas-parke moduan ulertuta, erraz kokatu dezakegu MTV EMA edo beste edozein makroekitaldi atrakzio nagusiaren tokian, baita honen eraginak argiago identifikatu ere. Jolas-parkeak modan egoteari utzi ez diezaion, atrakzioak eta azpiegitura bera eguneratzera derrigortuta dagoen parkeko nagusia bezalaxe, hiri-eredu neoliberala bultzatzen dutenak ere behartuta daude kaleak, azpiegiturak eta espazioak atonduta edukitzera, horrek dakarren hiriaren eraldaketa bortitzarekin. Hori gutxi ez balitz, eragileak adierazi duen moduan, eredu hau kontsumoan, prekarietatean eta herritarren zenbait sektoreren bazterketan oinarritzen da.
Piztu Bilbok balantzan jarri ditu apustu honek eragiten dituen kalteak, eta onurak baino askoz gehiago direla uste du. Hori bai, "kalteak oso geldo ematen direnez, denboraren igaroarekin bilakatzen dira agerikoagoak" azaldu du Ibañezek. Gentrifikazio prozesuak, pisu turistikoen areagotzea, alokairuen garestitzea edota lan prekarioak zerrendatu ditu, besteak beste, inpaktu negatibo horren ondorio bezala.
Bestelako Bilbo posible da
Bilbotarren bizia Udaleko politiken oinarrian ez dela jartzen iruditzen zaio Piztu Bilbori, eta sendo uste dute eskaintza kulturala diseinatzean herritarrak kontutan hartu beharko liratekela. Hiriko auzo gehienetan eragile kultural mordoa egonik, Ibañezek deritzo eskaintza kulturalak hauek kontutan izan beharko lituzkeela , eta horretarako moduak badaudela ziurtatu du, adibidez galdeketak egitea edo prozesu parte-hartzaileak martxan jartzea. Momentuz, baina, herritarren bizitza Udaleko oinarrian egotetik oso urruti dago bere ustez, datu honek adierazten duenez: auzoetako jaiei 1.500 euro besterik ez dizkie ematen, MTVren ekitaldian milioiak gastatzen dituen bitartean. Bilbo mailan eragitea asmo dutenez, baina, eraldaketa ematea posiblea dela deritzo eta positibo agertu da Ibañez.
Piztu Bilbo, Itzali MTV ko kideen helburu nagusia Bilbo jakin baten kontra egitea baino gehiago, beste Bilbo baten alde egitea da. Martxoaren 8ko Greba Feministak edo pentsiodunen aldarriek hirian izandako oihartzuna kontutan hartu ezkero, baikorrak izateko arrazoiak badaudela uste du Ibañezek: "Nahiz eta ez izan era oso zuzenean", iruditzen zaio agerian geratu dela bestelako Bilbo baten alde dagoen jendea egon badagoela .
Eragileak ziurtatu du hirian bertan existitzen direla errealak eta potenteak diren alternatibak , eta balioa eman nahi diote horiek kontutan hartzen dituen Bilbo anitzari. Makroekitaldietako foku itsugarrietatik ihesi, distira propioa duen Bilbo. "Itzali dezagun saldu nahi diguten hiri-erakustoki honen argia. Dirdira propioa duen hiri biziarekin distira egin nahi dugu, hiri bat non argazkietan agertzeko manikiak ordez, geure egunerokotasunaren protagonistak izan gaitezkeen. Piztu dezagun Bilbo auzoetatik, feminismotik, gazteetatik, zaharrenak ahaztu gabe; piztu dezagun Bilbo euskaratik eta espazio autogestionatuetatik. Piztu dezagun Bilbo!", aldarri egin dute hiriko txoko ezberdinetan aurkitu daitezkeen eskuorrien bidez. | news |
argia-b499e73065cb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/laugarren-industria-iraultza-hemen-dago.html | Laugarren industria iraultza hemen dago | Juan Mari Arregi | 2018-06-10 00:00:00 | Laugarren industria iraultza hemen dago
Barakaldoko BECen joan den astean ospatu den 30. Makina-Erremintaren Biurtekoak –Euskal Herrian giltzarri den sektorea– ohartarazi digu jadanik iristen ari den laugarren industria iraultzaz eta bere eragin sozial eta laboral esanguratsuez.
Atzean geratu dira XIX. mendeko lehen industria iraultzaren ondorioak, hala nola XX. mendean Euskal Herrian jasandako birmoldaketa larri eta basatiak. Industria digitala finkatu egin da eta bere adierazle nagusienetakoa da makina-erreminta.
Baina globalizazio ekonomikoak nolabaiteko dardara sortzen du, Europan roboten lehen lantegia eraiki baitute eta giza-enpleguari ekarriko dion galerari zaion beldurra berpiztu du. Robotikako konpainia garrantzitsuenetako batek, Yaskawa japoniarrak, orain arte Japonian eta Txinan produzitzen zuen, baina orain Europan, zehazki Eslovenian, roboten lantegia irekiko du kontinente horretan hedatzeko asmoz. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) txosten baten arabera, 60 milioi langile robotengatik ordezkatuak izateko arriskuan izango dira datozen urteetan. Manufaktura-industria eta nekazaritza izango dira kaltetuenak.
Beraz, gobernuek ondo begiratu eta planifikatu beharko lukete hezkuntzaren, lan munduaren eta oro har jendartearen etorkizuna, laugarren industria iraultzaren eta robotikaren olatu hori kontuan edukita, milaka enplegu galdu baitaitezke. Ez da zientzia fikzioa. Kapitalismoak bere bidea egiten segitzen du, orain digitala zein robotetan oinarritua, eta etekinak pilatzen segitzeko bere mekanismoek bide bazterrean utziko dituzte beste behin milaka lagun. Hori da gobernuan daudenek euren bizkarrean duten pisua. | news |
argia-68ff5895a56f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/dibertsitatearen-aldeko-mezua.html | Dibertsitatearen aldeko mezua | Xabier Etxaniz Erle | 2018-06-10 00:00:00 | Dibertsitatearen aldeko mezua
Askotan esan izan dugu perla edo bitxi baten aurrean aurkitzen garela liburu bat komentatzerakoan; honetan ere gauza bera esaten ekin behar diogu. Izan ere, Mem Fox idazle australiarraren eta Helen Oxenbury ilustratzaile ingelesaren artean egindako obra hau bitxikeria bat da. Obra sinple eta sakona, bere mezu ustez azalekoan ideia sakonak transmititzen dituen obra ederra.
Fox ez da hain ezaguna gure artean; Oxenbury, aldiz, nahiko ezaguna da nahiz eta euskaraz 2013an argitaratutako Hartza ehizatzera goaz izan bere lanik ezagunena. Hala ere, bata nahiz bestea erreferenteak dira nazioarteko haur literaturan, eta orain beren obraz gozatzeko parada dugu.
Hamar hatz ttipi eta hamar behatz ttipi irakurle berriei edo oraindik irakurtzen ez dakitenei ere erakusteko moduko lan goxoa dugu. Liburuak egitura errepikakorra du: "Behin batean bazen haurtxo bat hemendik urrun sortu zena. Eta beste haurtxo bat hurrengo egunean bertan sortu zena. Eta haurtxo horiek biek, gertatu ohi den moduan, hamar hatz ttipi zituzten eskuetan eta hamar behatz ttipi oinetan…"; irudietan bi haur, bata beltzarana, bestea ile gorriduna, ikus ditzakegu; ezberdinak baina era berean antzekoak. Eta joko hori errepikatzen da beste hiru aldiz, arraza ezberdinetako haurrak azalduz, eta gehituz. Bi haur berri aurkezten diren bakoitzean lehengoak ere ageri direlako hau koadrila handia, ezberdinak baina aldi berean berdinak (denek dituzte hamar hatz txiki eta beste hamar behatz txiki).
Irudiak, azalekoan ikus daiteken moduan, argiak dira, islatu nahi dutenak argi eta garbi erakusten dituztenak; eta kasu bakan batzuetan izan ezik, atzealdea zuria dutenak, ikuslearen arreta ez dadin desbideratu. Egia da eskimala edo basamortuko haurrak islatzean iglu bat edo jaima bat ere agertzen direla… agian ezberdintasun horretan haurren berdintasun ideia are gehiago indartzeko.
Horixe da liburu honen ideia nagusia. Liburu honen indarra aldiz, ideia horretan eta egileek lortu duten goxotasunean dago… haur protagonisten irribarreetan eta amaieran argi eta garbi erakusten zaigun goxotasunean. | news |
argia-9986a607e023 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/emakumeak-bideo-jokoak-eta-zehaztasuna.html | Emakumeak, bideo-jokoak eta zehaztasuna | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-06-10 00:00:00 | Emakumeak, bideo-jokoak eta zehaztasuna
Urrian Battlefield gerrako bideo-joko sortaren bosgarren zatia aterako da eta berriki bertsio berriaren trailerra jarri dute ikusgai. II. Mundu Gerran girotutako jokoan, emakumeak ageri dira frontean borrokan eta horrek hainbat jokalariren haserrea piztu du, zehaztasun historikoa aitzakia.
ada, gutxi izan arren (trailerrean bezala), emakume batzuk frontean ere aritu ziren. Gainera, nahiz eta girotze historikoari erreparatu, Battlefield jokoetan erritmo biziari lehentasuna eman izan zaio eta, adibidez, armak garai hartakoak baino askoz azkarragoak dira jokoan.
Baina emakumeak ikusteak esperientzia zapuzten dieten jokalari haiei horrek, itxuraz, ez die errealismorik kentzen. | news |
argia-b75627d71323 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/xabier-elosegi-euskaltzalea-eta-ren-hasieran.html | "Espainola jakin behar da euskara batua konprenitzeko" | Miel Anjel Elustondo | 2018-06-10 00:00:00 | "Espainola jakin behar da euskara batua konprenitzeko"
Liburu batek ekarririk gara Baionan: Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean (Lapurdi 1609 elkartea). Hariari tiraka, ETAren sorrera garaia bizi izan zuen tolosarra ezagutu dugu. "Hangoak hango, hemengoak hemengo" esan ohi da, baina handik hona eta hemendik hara dabil Xabier Elosegi.
Zure liburuak bertze liburu bat du abiapuntu: Othoi çato etchera (Lapurdum, 2016). Justuki, han ageri den gutun bat…
Bai, gutun horretan aipatzen da: " Segur da aditu içan tucula hemengo Berri tristiak, ebaile gaisçoa preso harturic jondone laurendy egunian, 1775co urthean, parisat eramadute Sabat dorreco Çena norbaitec hilçea delamedio, eta by hilabete badu jendec daraçatela bidean heldu dela libro bere etcherat Baignan oraino esta agueri gaisçoa… " horixe izan zen hastapena. Altxor zoragarria zitzaidan, ikaragarria. Eta ikertzen hasi nintzen. Othoi çato etchera -ko gutunetan hainbat pertsona izen ageri dira, tartean Sarakoak, eta denak ezagutzen nituen, nihaur Saran bizi izan bainintzen, eta han nintzelarik, herriko artxibo guzia kopiatu nuen. Zortzi mila orrialde, dela heriotza, ezkontza eta bataio. Horrela izan nuen Sara, etxeak eta deiturak lau mendez (XVI-XIX) liburua egiteko gaia ere. Saratik hasi nintzen, baina gero Azkainetik segitu nuen, eta Ahetzetik, eta… Eta Ahetze horretan kolpea hartu nuen, ikusirik krimen bat izan zela Ahetzen. Dokumentatua izanen zela espero nuen, baina ez, krimenari buruzko lotura bakarra gutun hori zen, aitak semeari idatzia. Ikertu behar hartan, notario baten gunean sartu nintzen.
Zein notario?
Martin Harismendy. Krimenari buruz zerbait topatu nahi nuen, eta ikerketan, gauza asko topatu nuen, tartean euskarazko dokumentuak. Xarles Videgain euskaltzainarekin jarri nintzen harremanetan, eta biziki ederra iruditu zitzaion. Loriatua zen, Xarles, kontent. Beste agiri batean, hauxe topatu nuen: " Betrikoeneko etxean Sabat de Behotazek egin zuen erreparazionea, espertatua eta estimatua izan da, Joannis de Hirigoyen, Donibanekoa eta Bernat de Goihetche Senpere xarpanter nausiez, jakitekotz erran den etxe hortan jadanik eginak izan direnak, eta oraino egin behar dena, zein baita aitzindegia etxe hortakoa zerratu beharra, adrailuz eta bi aldetarik palotatua eta inbokatua kastako morteroz, eta leiho eta partadura eta krisketa eta gainerako zerratzeko behar direnak, eginen dituelako promesaren azpian, erran den Sabat de Behotazek… " [Ortografia eguneratuan emana] Izigarria! Hiztegi aldetik ere aberatsa, jendeak orain galduak diren hitzak erabiltzen baitzituzten. Eta, horrela, buru-belarri sartu nintzen lanean.
Erran delako Martin Harismendy notarioaren agirietan, alegia.
1741ean hasi zen, eta lan egin zuen 1779ra arte. Harismendy hori Arbonakoa zen, etxe handiki batekoa, etxe handiko alaba batekin esposatu zena. 13.167 orrialde dira haren artxiboan, eta banan-banan denak ikusten hasi nintzen, ea zerbait berezia topatzen nuen. Gehienak frantsesez dira, nahiz badiren 164 orrialde euskaraz. Harismendyren agirietan ez ezik, beste zenbait notarioren artxiboak ere ikertu ditut. Dokumentuak frantsesez dira beti, baina barnean, eranskinak dituzte, "aktari lotuak" direla esanez. Ez dute dokumentua bera itzultzen, beste dokumentu bat sortzen baizik, eta zenbaitetan, funtsezkoa da euskarazko eranskin hori, hura gabe ez delako frantsesezko akta konprenitzen ahal.
Zer erakusten du horrek, zure ustetan?
Jendartea euskaldun elebakarra zen, eta nobleziari dagokionez, kasu harrigarririk ere bada. 2012an, Gervasio di Cesarek eta Kike Fernandez de Pinedok lan interesgarri bat argitaratu zuten Fontes [ Linguae Vasconum ] aldizkarian, non Aguraingo (Araba) familia noble bateko Mari Ochoa de Villanuevaren kasua aztertu baitzuten, 1571ko dokumentu batean oinarritua, esanez neska hark aitak bidalitako ahal bat konprenitu ahal izateko euskarazko itzultzailea behar izan zuela. Lapurdin, XVIII. mende erditsuan, noblezia barneko hizkuntza ohiturak ez ziren soilki frantsesarenak. Ez denetan, bederen. Noble batzuk euskal elebakar ziren. Mari Ochoa haren kasuaren gisakoa atzeman dugu Saran, 1741ean, Lehetea familian, hau da, XIX. mende arte Lapurdiko noble gorenetarik batean.
Hainbat agiri-multzo bildu dituzu: zor eta kitatzeak, adituen txostenak, aurrekontuak, inbentarioak, testamentuak, ezkontza-itunak, Senpereko oihanen kudeaketari buruzkoak… Zernahi gauza aipatzen da dokumentu horietan.
Bai. Gure ustez, euskal hizkuntzalaritzari buruzko ikuspegi berri bat erakusten du corpus honek. Eta, batere dudarik gabe, jendartearena ere. Euskara idatziak erabilpen zabal eta anitza du eta erabilpen hori nolabait notaritzen artean guziz onartua da: dokumentu anitz eta anitz notarioak berak agiriari berari eransten dio, " annexé au present acte " esanez. Gisa bereko bertze oharrak maiz agertzen dira agiri ofizialetan.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zer diozu agiri horietako euskararen gainean?
Euskara hizkuntza bortxatua da idazki askotan. Frantsesak bortxatzen du, ez da dudarik. Euskarazko testu horiek kalkoz beteak dira, baina gaurko euskara bera dago kalkoz betea. Atzo Baionako Herriko Etxean izan nintzen eta bada metal-xafla bat eraikinari buruzkoa. Testua frantsesez egina da eta badira lau itzulpen. Euskarazkoak dio: "Gaur egun, antzokia eta herriko etxearen aterpetzen jarraitzen du". Lotsagarria! Bertakoek erranen lukete sinpleki: "Eraikin honek aterpetzen ditu gaur egun ere antzokia eta udal administrazio-zerbitzuak".
Kalkoez ari garelarik, zer dugu euskara "batuan"? Dena da jarrai . Espainierazko " continuar " ordaintzeko erabiltzen da edonon: "Bik oraindik ihes eginda jarraitzen dute", pasartea ez da ulergarria hemengo gehienentzat".
Euskara batuarekin ere kritiko zu, han-hemen idatzi duzunez.
Espainolkeriaz betea da oraingo euskara "batua". Espainola jakin behar da euskara batua konprenitzeko. 31 eskutik blogean idatzi nuen horretaz, eta denek baietz, zuzen nintzela, baina gero… Euskara idatzia banaz bertze aski ona da, nahiz badiren petto handiak. Baina jende gehienak ez du irakurtzen euskara idatzia. Esatarien eta eztabaidetan partehartzaileen euskara entzuten du jendeak. Eta hedabide nazionalez ari naiz. Espainiar esamoldeen kalkoak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta Euskaltzaindiak ez du horretaz ezer esaten. Eta hemengo jendeak bertako euskara ahantziz, "batua" omen den hori kopiatzen ari! Bateko faltan bota besteko hanka sartu , tokatu , kostako zaio eguzkia ateratzea , pena merezi du … Hori ez da euskara, hori da espainola, kalkoak, eta hemengo jendeak ez du konprenitzen.
Gazte zinelarik, Tolosan, bazen euskararen gaineko kezkarik?
Gu espainolez mintzatzen ginen etxean. Amak ez zekien, Argentinan sortua baitzen. Aitak euskaraz egiten zigun beti, eta uda pasatzen genuen Leaburun, Goiatzen, Gaztelun edo inguruko herri txiki batean. Han jendarte osoak egiten zuen euskaraz. Bigarren mintzaira izan dugu euskara. Maitatua, beti. Gogoratzen naiz 1947an, 10 urte nituela, etorri zela aita Kulixka Sortako liburu batekin: "Atera da euskarazko liburu bat!". Gero, nire kasa, Euzko Gogoaren abonamendua egin nuen. Egan jasotzen genuen…
Euskaltzalea zu.
Beti. Orixek [Nikolas Ormaetxea] meza liburua egin zuelarik, erosi nuen. Kar, kar… Oso sinestuna nintzen orduan. Nik erosi, baina osaba Jesusek pagatu zidan. Euskaltzale eta abertzalea zen, baita haren emaztea ere, euskaraz hitz egiten zuen beti. Tolosan bazen euskal giroa, baina ez zen agerikoa. Gune batzuk baziren, Anjelatxo Arrueren inguruan, adibidez, antzerkia mugitzen baitzuen Anjelatxok bere alaba Mirentxu Moraizekin batean. Beste gune bat, kordimarianoak ziren, korazonistak. Bazuten parrokia, eta Santa Ageda korua ateratzen zuten urtero, gizonek egindako Santa Ageda, ez umetxoek. Inpresioa egiten zidan. Bestela, kalean ez zen batere entzuten, kuadrilla bat salbu. Eta gure kuadrillan ere beste lagun bat eta biok euskaraz ari ginen, kasik modu klandestinoan.
Modu klandestinoan kuadrillan?
Kuadrillak espainolez funtzionatzen zuen, baina bi edo hiru euskaraz ari ginen beti gure artean, ahal genuelarik.
Berandu gabe, lagunarte abertzale bateko kide izan zinen.
1957-58an, Ekinen sartu nintzenean, ETA bilakatu zen hartan, abertzale hitza zer zen ere ez nekien. Ni euskaltzale nintzen, euskaltzaletasunaren bidez heldu nintzen abertzaletasunera. Zirkulu itxi batean sartu nintzen behin, hara eraman ninduenak ez zekien euskaraz, eta errabia eman zidan. Hura politizatua zegoen, baina ez zekien euskaraz. Kontraesana zitzaidan, eta kontraesana zait orain ere.
Felix Arrieta atxilotu zuten lehenik. 1961eko uztailaren 18an, Añorgan trenbideko sabotajearekin batera, bandera espainolak erre zituzten Donostian.
Agindua zen, atxilotuz gero, atxilotuak egoerari bi egunez atxikitzea, besteak etxetik ihesi joan zitezen. Felixek eutsi zion, baina alferrik, inor ez zen etxetik kanpo joan. Kar, kar… Felix [Arrieta], uztailaren 18an harrapatu zuten, eta ni, berriz, uztailaren amaieran edo agorrilaren lehenean. Etxera etorri zitzaizkidan poliziak, Julio Eyararekin, Tolosako udaltzainburuarekin. Hark ekarri zituen gure etxera. Omen, gure aitaren laguna zen. Martutenen izan nintzen lehen, Carabanchelen gero, hainbatekin batera: Imanol Laspiur, Serafin Basauri, Rafa Albisu, Lizardiren seme Agirre, Julen Madariaga, Olaskoaga…
"Harismendyren agirietan ez ezik, beste zenbait notarioren artxiboak ere ikertu ditut. Dokumentuak frantsesez dira beti, baina barnean, eranskinak dituzte. Zenbaitetan, funtsezkoa da euskarazko eranskin hori, hura gabe ez delako frantsesezkoa konprenitzen ahal". Argazkia: Zaldi Ero.
Zer diozu torturen gainean?
Felix gogotik hebaindu zuten, eta Imanol Laspiur. Belztuta ikusi nuen Imanol. Ni azkenetarik harrapatu ninduten, eta Carabanchelera iritsi nintzenean, hanka hautsita neukan. Kartzelara sartu eta gainerako preso guztiekin nahasi baino lehen, aparte edukitzen gintuzten iritsi berriak, eta Pontxo Iriarte, Agirre, Lopez de Lacalle eta laurok elkarrekin izan ginen. Azken kartzelaratuak ginen, eta kartzelara baino lehen ez nuen haiekin hartu-emanik. Iñaki Larramendirekin izan ezik.
Noiz irten zinen Carabancheletik?
Urtarrilaren hasieran [1962]. Orduko frankismo hura, modu batean, aski naif-a zen. Carabanchelen ziren zazpi kide "sumarisimo" deitu epaiketan jujatu zituzten, eta kondena handiak jaso zituzten: Rafa Albisuk, 20 urteko zigorra; Iñaki Larramendik, 10ekoa. Baina, esaterako, 1964. urtean libratu zuten Larramendi.
ETAkoak zineten?
1961etik gora, bai. Ordu arte, laino artean ginen denok. Gereka datorkit burura, zarauztarra. Gurekin etorriko ote zen, ez ote zen etorriko borrokan zebiltzan. Batzuek bazekiten adar bat baino gehiago zela abertzaleen artean. 1960an gauzak garbi zirela esango nuke. Kartzelatik irten eta 1962an alde honetara etorri nintzenean, dozena erdi iheslari ginen, ez gehiago, eta ni ETAkoa nintzen, ez da dudarik. Udan etorri nintzen, eta udazkenean lanean nintzen Hazparneko kolegioan. Beti egin dut lan. Baina ezagutu ditut bizitzan lanik inoiz egin ez dutenak ere. Ez dakit nola bizi izan diren urteetan eta urteetan lanik egin gabe, eta euskararik ere ikasi gabe. Ez dakit nola pasatzen ahal duten bizitza. Ez dira gehienak, baina badira batzuk.
Zer irakurketa egin duzu ETAren amaieraz?
Aspaldi egin nuen nire irakurketa. Ez nintzen ados Miguel Angel Blanco hiltzearekin. Kolpe ikaragarria izan zen. Baina, lehenago ere, kolpe ikaragarria izana zen [Anjel] Berazadi hiltzea, 1976an. Edo gameluak hiltzea, frogarik gabe. Berdin salatariak. Erditsuak ez ziren salatariak ere. Yoyesen heriotza-eta. Erakundeak beti eman ditu esplikazioak, dena esplikatua izan da, dena, baina ez dute balio. Niretzat, ez. Eta ez niretzat bakarrik. Zenbait ekintza agintzea ere. Presoak ez dira terrorista, baina ekintza terroristak egin dituzte, egin behar ez zirenak egin dituzte abertzale horiek, gudari horiek. Ekintza horiek agindu dituztenak, izan daitezen adar politikokoak edo militarrekoak, berdin zait, ez diote Euskal Herriari konturik eman behar?
Zer diozu orain, ETAren amaierarekin batera, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarreraz, batzuen eta besteen barkamen eskatu beharrak eta beste?
Espainiak eta Frantziak Euskal Herria suntsitu nahi dute, euskara desagerraraziz. Ez da dudarik. Historiak erakusten du. Horretarako, zernahi erabiliko dute. Oraingo barkamen eskeak, diozu? Norberak egin behar duen gauza da hori. Batzuek egin dute, eta beste batzuek ez. Nire ustez, pertsonaren dohaina da hori, bi jarrerak zaizkit onargarriak. | news |
argia-beee00540b03 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/inaki-uriarte-arkitektoa.html | "Bilbo ez da inoiz bizi izan itsasadarrari bizkar emanda" | Jabi Zabala | 2018-06-10 00:00:00 | "Bilbo ez da inoiz bizi izan itsasadarrari bizkar emanda"
Ondarearen defendatzaile sutsu eta sarritan bakarkakoa dugu Iñaki Uriarte Palacios arkitektoa (Bartzelona, 1946). Bereziki Bilboko Portuko eta itsasadarraren inguruetako ondarea sakon ikertu du. Turistei kontatzen zaien bertsio ofizial azaleko eta onberaren oso bestelako kontaera kritikoa osatu du, azken 24 urteotan, itsasadarrean behera egiten dituen ibilbide gidatuetan transmititzen duena.
Bartzelonatik ekarri zenuen ondarearekiko kezka?
Aita barakaldarra nuen, Francok hemendik egotzitakoa, Bartzelonan ama ezagutu zuen, bilbotarra bera, eta bertan jaio nintzen ni. Han arkitektura ikasteko aukera izan nuen oso garai nahasietan. 1979an, kultura katalanari buruzko bilkura batean entzun nuen kultura ondarea, arkitektura bereziki, herri baten identitate zeinu nagusia zela, hizkuntzaz beste, eta horrek kezka handia eragin zidan. Ideia horiekin iritsi nintzen Bilbora 1986an eta ondarearen arloan zeregin ugari zela iruditu zitzaidan, berehala hasi nintzen artikulu kritikoak idazten, Europarekiko eta Kataluniarekiko atzerapena sumatu nuen orduan, eta aldea ez da laburtu oraindik.
Zer atzerapen sumatu zenuen?
Kulturak ez zuen pisurik gizartean, ikuskizunez harago. Arkitektoen kolegioan ondarearen inguruko ekitaldiak antolatzen hasi nintzen. Gatazka gogorrak izan genituen orduan: Plaza Barriko estalkia kentzeko borroka, Excelsior hotela ez eraistekoa, bertan Batzar Nagusiak egiteko kristalezko eraikina egin nahi baitzuten, Gordailu Frankoarena, Alondegia… Gogor egin behar zen baina elkargo profesionalak ez ziren busti nahi. Orduan hasi nintzen jabetzen udal eta foru eremuetan zer nolako kultura arduradunak genituen. Orduan bezala, egun ere, pertsona kaskarren eskuetan gaude.
David sentitu zara maiz, Goliaten aurrean?
Bai, hedabideen aldetik arreta gutxi jaso dut, ageriko zentsura izan ez denean. Beti bakarrik sentitu naiz, inoiz arkitekto batzuek babesa eman didate kolegioan baina gutxiengoa izan gara beti. Gizartea bera hasi zen gai hauei garrantzia ematen, konturatuta hiri metropoli hau, indar figuratibo ikonografiko itzela duena, egunez egun desagertzen ari zela.
Kode deontologikoa behar du arkitekturak, erantzukizun soziala du?
Noski, arkitektura arte ederretan sozialena da, jendeari etxea ematea baitu helburu, urbanizatzea, bizimodua erraztea. Baina presio ekonomiko eta politiko handiak dituzte arkitektoek eta, gainera, sentsibilitatea ez da fakultatean irakasten.
Bisitari talde engaiatua bilatzen duzu beti. Turistak ez zaizkizu interesatzen?
Engaiatuak edo behintzat ikasteko gaitasuna duten taldeak eta hedabideetakoa ez den diskurtsoa jasotzeko gai direnak, argudioekin eta ezagutzatik eztabaidatzeko prest daudenak. Beti izan ohi dira auzo elkarteak, gizarte mugimenduak, lagun taldeak, elkargo profesionalak, unibertsitateak, Hungariako gobernuko talde bat edo paisajista frantziarrak… Turistak, aldiz, olgeta huts moduan hartuko du bidaia, argazki batzuk atera eta ez du sakonduko, ez du merezi.
Bilbo itsasadarrari bizkar emanda bizi izan denik ukatzen duzu?
Bai, lelokeria da hori, itsasadarrari bizkar emana denik. Esaldi topikoak dira, norbaiti bururatuko zitzaion lelokeria hura, ekarpen intelektuala egiten zuelakoan, eta besteek errepikatu egin dute. Areatza eta Campo Volantin beti itsasadarrera begira bizi izan dira eta, ezkerraldean, Martzana aldeko etxe handiak oso kalitate onekoak dira. Bestalde, portu aldea zena egun aisialdirako erabiltzen da, beste leku askotan bezalaxe.
Argazkia: Iñigo Azkona
Auzibidera jo duzu maiz ondarearen defentsan. Terrazekin izan dituzu azken auziak.
Terraza zer den definitu beharko litzateke, maiz tabernaren hedatze autonomoak izaten dira, argindarra dute, ura, harria, kafe makina... Horiek eremu publikoan ezartzeak gizartean matxinada eragin beharko luke. Hiru kasu salatu ditut: lehena Erriberako merkatu aurrean zegoena, ibar ertzetik hiru metrora, argi zegoen ilegala zela baina epaitegian salatu behar izan nuen eta azkenean kendu behar izan dute, Ura agentziak esku hartu ondoren. Bigarrena Astillero Euskalduna tabernak, itsasadar barruan, Olabeagako aintzinako zamatokiaren hondakinen gainean egindako taberna izan da, uraren gainean, inpunitate osoz, Bilboko Udaleko ikuskariek prebarikatzen dutelako. Hirugarrena, gizateriaren ondarea den Bizkaiko Zubian iaz jarritako taberna-edukiontzia izan zen. Salatu ondoren, Aldundiaren erantzuna lotsagarria izan zen. Jendeak jakin behar du noren eskuetan gauden. Ostalaritzak botere handia du, berriki rugby finalarekin ikusi denez. Eragin ekonomiko handiak aipatzen dira inongo daturik gabe, eta nazioarteko ekitaldiak Bilbora etortzea ez da Bilboren meritua, ekitaldi horiek erosi egiten dira nazioarteko merkatuan.
Turistifikazioak nola eragiten du ondarean?
Turismoak ondarea hiltzen du, tradizionalaren zentzua galtzen da tipikoa bilatzeko. Kanpotarrak irribarre egin eta argazkia egin dezan egiten dira gauzak, zorion iragankorra bilatzen zaio, eta herriek, horretan, berezko izaera galtzen dute. | news |
argia-f227fe03091e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/ppren-ustelkeriak-rajoy-bota-du.html | PPren ustelkeriak Rajoy bota du | ARGIA | 2018-06-01 00:00:00 | PPren ustelkeriak Rajoy bota du
PPren ustelkeriak, azkenean, Mariano Rajoy Espainiako presidente kargutik bota du. PSOEko Pedro Sanchezek proposatutako zentsura mozioa aurrera atera da.
180 eserlekuren babesa izan du Sanchezek. Hauek dira babesa adierazi dioten taldeak: Unidos Podemos eta konfluentziak, ERC, PDeCAT, PNV eta EH Bildu.
Ikusi bideoan zentsura mozioaren botoak zenbatu eta Rajoy boteretik kendu duten unea. | news |
argia-c858d7f98982 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/emakumeek-lehen-aldiz-dantzatuko-dute-onatiko-corpusetako-prozesioan.html | Emakumeek lehen aldiz dantzatuko dute O�atiko Corpusetako prozesioan | Goiena | 2018-06-01 00:00:00 | Emakumeek lehen aldiz dantzatuko dute O�atiko Corpusetako prozesioan
Prozesioan ez ezik, egubakoitzean ikastetxeetan eta auzoetan, eta zapatuan herriko kaleetan egingo dituzten dantzetan ere izango dira emakume dantzariak. Bi urteko hausnarketa prozesuaren emaitza izango dira aurtengo Corpusak.
Corpuseko prozesioan lehen aldiz agertuko dira neskak dantzan. Ez da Oñatiko emakumeek Corpus dantzak egiten dituzten lehen aldia izango –1940ko eta 1950eko hamarkadetan egiten zuten–, baina bai Corpusetan egingo duten lehena.
Oñatz dantza taldekoek duela bi urte ekin zioten emakumeen parte hartzeari bultza egiteko prozesuari. Zeregin hori izango zukeen talde eragilea sortu zuten orduan, emakumez zein gizonez osaturikoa. Eta aurten azalaraziko dute prozesu horretan egindakoa. Corpus prozesioan ere izango da emakumerik. Dena den, horri garrantzia kenduz, diote betiko moduan bederatzi dantzari izango direla domekan, generoaren etiketa kenduz. "Guk dantzariei ematen diegu garrantzia. Betiko moduan, bederatzi egongo dira, baina ez dira denak mutilak izango", dio Oñatzeko Miren Aranburuk.
Domekako prozesioan ez ezik, asteburuko egun guztietan izango da emakumerik dantzarien artean. Urte eta erdi inguru jardun dute Corpus dantzak ikasten eta entseatzen. Izan ere, orain arte, dantzariak laguntzea izan dute zeregin Corpus asteburuan, dirua batzea, dantzarako materialarekin laguntzea eta gisakoak egitea. Aurten emakumeendako arropen gaia landu behar izan dute, tartean. Eta adituekin egon ostean, diote alor horretan ez dutela aparteko aldaketarik egin beharrik izan. "Saiatu gara ahalik eta berdinena izaten. Prakak bakarrik aldatu ditugu, baina kanpotik ez da nabarituko; emakumeen gorpuzkerara moldatu ditugu", azaldu du Irati Aranburuk.
Hogei dantzari
Dantzariendako, baina, Corpusak ez dira domekako prozesiora mugatzen. Asteburu osoan zehar dihardute herriko ikastetxeetan, auzoetan eta kaleetan. Eta, beraz, dantzok txandakatu beharra dakarkie horrek. Finean, domekako bederatzi dantzarietatik aparteko taldeak dihardu beste dantza emanaldietan. Orotara, hogei dantzari inguruk jardungo dute datozen egunetan. "Asteburu osoa izaten da berezia. Egubakoitz goizean auzoetan eta baserrietan ibiltzen gara dirua batzen eta arratsaldean, ikastetxeetan eta kalean. Zapatuan, goiz eta arratsalde ibiltzen gara herriko kaleetan dantzan eta dirua batzen, eta domekan prozesioan goizean eta Foruen plazan arratsaldean", dio Oñatz dantza taldeko Iulene Urrutiak.
Duela bi urte hasitako prozesuaren emaitza asteburuan ikusiko da eta horren gogoz daude Oñatzeko dantzariak, Zuriñe Lazkanok adierazi duen moduan: "Oso gutxi falta da. Oso urduri eta pozik gaude, aldi berean, eta oso gustura egindako lanarekin, luzea izan bada ere".
Albiste hau Goienak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra. | news |
argia-e46bf4122ec3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/elaine-brown.html | "Presoek eta preso ohiek dute potentzialik handiena iraultzaren abangoardia izateko" | Maria Colera Intxausti | 2018-06-10 00:00:00 | "Presoek eta preso ohiek dute potentzialik handiena iraultzaren abangoardia izateko"
Elaine Brown elkarrizketatu dugu Bartzelonan, Literal Liburu eta Ideia Erradikalen Azokan. 1974-77 bitartean Pantera Beltzen Alderdiko presidente izandakoak gaztetan bezain irmo jarraitzen du, hitzak ez baizik ekintzak behar direla aldarrikatzen.
Beti esan izan duzu "gure helburua beltzen askapena lortzea zen, ez berdintasuna legearen aurrean, sistema bere horretan onartzea esan nahi baitzuen horrek". Ikuspegi horretatik abiatuta nola baloratzen duzu Black Lives Matter mugimendua?
Lehenik eta behin esan beharra daukat ez dela mugimendu bat, ez dakit zergatik esaten dioten mugimendu. Zerk adierazten digu traola horren atzean mugimendu bat dagoenik? Baina, ekimen antolatu bat balitz ere, zein dira haren helburuak? Haietako gehienek Hillary Clinton babestu zuten. Nola babes dezakezu Clinton, beltza izanik? Poliziaren basakeriaren aurkako ekimen gisa hasi zen eta horixe da. "Eskuak gora, ez tiro egin" bezalako leloak erabiltzen dituzte, baina non dago pentsamendu iraultzailea hor? Beraz, ez dut aldaketa sakon baterako ezer ikusten hor, ez ekintzarik ez programarik.
Era berean, feminismo liberala ere kritikatu duzu.
"[AEBetako feminista liberalek] beirazko sabaia hautsi nahi dutela diotenean esan nahi dutena da enpresa-munduan parte hartu nahi dutela, eurek ere berdintasuna izan dezaten beste pertsona batzuk zapaltzeko, emakumeak barne"
Tira, ez dakit hori zer den, baina mugimendu feminista-edo delakoa, AEBetan, ideal zuri burgesen menpe dago. Eskubide erreproduktiboei buruz hitz egiten dizute, baina familia-plangintza eman zigun Margaret Sanger nor zen gogoan hartu gabe. Eugenesiaren aldekoa zen, populazio jakin batzuk ezabatzearen aldekoa, eta abortatzeko lehenbiziko klinikak non eta Harlemen zabaldu zituen.
Bestalde, beirazko sabaia hautsi nahi dutela diotenean esan nahi dutena da enpresa-munduan parte hartu nahi dutela, eurek ere berdintasuna izan dezaten beste pertsona batzuk zapaltzeko, emakumeak barne.
Eta mugimendu horretan ez duzu emakume beltzik ikusiko, eta latinorik ere ez, gutxi batzuk kenduta. Emakume zurien mugimendu bat da berez, bai lehen, bai bigarren, bai hirugarren olatuetan.
Ez duzu uste, halere, badirela emakumeok borrokatu beharreko eskubideak?
"Emakume beltzak dira mundu osoko talderik pobreena. Eta inork ez du hitz egiten horiei buruz, AEBetan beren seme-alabak zaintzeaz arduratzen diren emakume pobreei buruz hitz egiten ez den bezala"
Jakina, horrek ez du esan nahi ez dudanik uste badirela emakume pobreek eta beltz eta latinoek bereziki jasaten dituzten zenbait gai, emakumeon arazo gisa aurre egin beharrekoak. Adibidez, emakume beltzak dira mundu osoko talderik pobreena. Saharaz azpiko Afrikan, adibidez, gizon beltzak baino pobreagoak dira leku guztietan. Eta inork ez du hitz egiten pertsona horiei buruz, AEBetan beren seme-alabak zaintzeaz arduratzen diren emakume pobreei buruz hitz egiten ez den bezala. Eta feminista liberal horiek bultzatzen dutena beren bizi-estiloa da. Beren baloreak hedatu nahi dituzte, pentsaera burges tipikoak egin ohi duen moduan, uste baitute berek pentsatzen dutena dela zuzen eta egokia.
Bill Clintonek onartu zuen Laguntza Sozialen Erreformarako Legean ederki ikusten da hori. Erreforma horrek emakume pobreak kriminalizatu zituen, eta jendeak haren alde bozkatu zuen, pentsatuz emakume beltzei eragingo ziela gehienbat. Baina laguntza sozialetatik bizi diren gehienak zuriak dira, haiek baitira gehiengoa AEBetan. Lege horrek emakume pobreen kriminalizazioa ekarri zuen, osasun-arretarik gabe utzi zituen emakume horien haurrak eta feministek ez zuten txintik ere esan.
Eta hemen garrantzitsuena da galdetzea ea zein diren emakumeen kezka nagusiak. Gizonen berdinak izatea al da gure kezka? Tira, nik ez dut Afganistanen jendea hiltzen dabilen jeneral baten berdina izan nahi. Baina kezkatzen nau nire bizitzeko aukerak mugatuta egotea emakumea naizelako eta ezin dirurik irabazi ahal izatea nire seme-alabez arduratzeko emakumea naizelako.
Argazkia: Oriol Clavera.
Zer deritzozu #MeToo ekimenaz?
#MeToo mugimendu hori Hollywood-eko ebento moduko bat da, eta hortxe ikusten dituzu emakumezko aktoreak kexuka halako gizonek bi milioi jaso dituelako eta berek milioi bat bakarrik. Eta, bitartean, ez dute ezertxo ere esan egunero bizitza aurrera ateratzen saiatzen diren kaleko emakume arruntez. Eta, bestalde, bortxatutakoak zuriak direlako izan du halako oihartzuna kontu guztiak. Emakume zurien biziak garrantzitsuagoak dira, argi eta garbi, emakume beltzenak baino, eta inork ez du horretaz hitz egiten.
Edonola ere, feminista naizela diot, bai, nola ez naiz bada izango, emakumea naiz eta! Zapalduta nago emakume gisa, beltz gisa eta pertsona pobre gisa. Egia da badaukadala etxe duin bat eta jateko adina, baina, azken batean, ez daukat kontrolik emakume gisa, beltz gisa eta gizaki gisa baldintzatzen nauten gauzen gainean.
Eta zein zen Pantera Beltzen jarrera feminismoaz?
Pantera Beltzek oso jarrera sendoa hartu zuten emakumeen askapen mugimenduaren eta borrokaren alde, eta berdin gay askapenaren alde ere. Emakumeen askapenaren alde geunden, emakumeok askatasuna izan genezan geure patua definitzeko, geure patua ez zedin baldintzatuta egon gizon batekin ezkonduta geunden edo ez arabera. Emakume askok, gizon batekin ezkondu ezean, ez baitzeukaten bizitzeko nahikorik, eta, beraz, soziala den auzi hori guztiz ekonomikoa da aldi berean.
Beste mugimendu iraultzaile batzuek ez bezala, Pantera Beltzek garrantzi handia eman zioten lumpen proletariotza delakoari, "iraultza gidatzeko sektore motibatuena" zirelako, zure hitzetan. Alderdiak jende hori heztea eta politizatzea erabaki zuen. Nola lortu zenuten "ghettoko amorrua ekintza iraultzailea bihurtzea"?
"Lumpen proletariotza Lurreko zaborra ziren Marxentzat, berak langile-klasea baloratzen zuelako. Eta esklabuak ez zituen soilik beltzez osatutako klase berezi gisa ikusi. Langile-klase bat osatzen zuten, baina soldatarik gabe"
Hogei urte daramatzat espetxean dagoen eta espetxetik ateratako jendearekin lanean. Nire iritziz, haiek dute potentzialik handiena iraultzaren abangoardia izateko. Jakina, masek ere bat egin beharko dute uneren batean, baina gainerako jende guztia sistemari lotuta dago. Lanpostu bat daukate edo nahi dute. Beste hauek aldiz ez dute lanposturik nahi, ez dira sistemaren parte, ez zaie gustatzen, eta polizia gorroto dute. Arriskatu egin dira bizitzan eta, beraz, potentzial handiagoa daukate egunero lanera doan pertsona batek baino, bere telebistarekin eta Disneylandeko oporraldiekin.
Bestalde, eta Marxek huts egin zuen horretan beltzekiko, lumpen proletariotza Lurreko zaborra ziren Marxentzat, berak langile-klasea baloratzen zuelako. Eta esklabuak ez zituen soilik beltzez osatutako klase berezi gisa ikusi. Langile-klase bat osatzen zuten, baina soldatarik gabe. Eta, beraz, Marxen definizioari jarraiki, haren garaiko proxeneten parekoak lirateke egungo droga-saltzaileak. Horixe baita AEB beltzean daukaguna. Lanpostu bat edukita ere, beltz gehienek ez daukate proletariotzaren masa handiko kide izateko adina dirurik, eta trapitxeoan ibili beharra daukate.
Elaine Brown –ezkerretik lehena–, ondoan Huey Newton duela, Pantera Beltzen sorreretan. Argazkia: Bettmann/Corbis
Munduko preso kopuru handiena duen herrialdea dira AEBak, 2.120.000 presorekin. Nola iritsi zarete egungo egoerara?
Espetxeratuen kopuruan eta espetxealdiaren iraupenean izandako gorakada fenomeno berri samarra dugu, gaizkile errepikariak zigortzeko Bill Clintonek 1994an onartu zuen lege baten emaitza. Lege horren arabera, hirutan zigortua izateak biziarteko zigorra zekarren automatikoki.
1994-2004 bitartean bikoiztu egin zen preso-kopurua. Erdia beltzak, biztanleria osoaren %13 izan arren. Kontua ez da beltzak espetxeratzeko plan bat dagoenik: zerbait automatikoa da 1865az geroztik, sheriff-departamentuak ihes egindako esklaboak harrapatzeko sortu baitziren. Eta ikusten dugu hemen denek ateratzen diotela etekina sistema horri, eta beltzak beti azpian. Thomas Jefferson Independentzia Aldarrikapenaren egileak ederki azaldu zuen ikusmolde hori. Esaten zuen beltzak zuriak baino gutxiago zirela, bai gogoaren bai gorputzaren dohainetan, desatsegina zela haien kolorea, eta kiratsa zeriela, eta, beraz, gizakien mailara iristen ez zirenez, haiek ez ziren gizakiak esklabo bihurtzen ari. Horixe izan da AEBen oinarria, 1710az geroztik.
Azalduko diguzu zertan datzan espetxe-konplexu industrial arrazista?
"Presoek irabazi handiak sortzen dituzte, haiek edo estatuak gastatzen duten dirutzaren bidez. Jende pila bat ari da dirua irabazten espetxeen kontura"
Presoek irabazi handiak sortzen dituzte, ez bereziki fabrikatzen dituzten gauzen bidez, haiek edo estatuak gastatzen duten dirutzaren bidez baizik. Espetxean denetik daukate: telefono-deiak, bideo-deiak, arropa, janaria… denetik eros dezakete, baina kalean baino askoz garestiago. Eta sosik ez daukatenez, kalean inongo etekinik sortuko ez luketen preso horiek berek izugarrizko gastua eragiten dute. Kaliforniako estatuak, adibidez, 70.000 dolar gastatzen ditu presoko urtean.
Egia da preso batzuek musutruk lan egiten dutela. Errepideak garbitzeko erabiltzen dituzte, lorategiak atontzeko, altzariak egiteko… eta ez diete ezer ordaintzen, edo oso gutxi. Eta espetxe-konplexu industriala konplexu militar industrialaren pareko zerbait da, baina presoekin. Jendeak uste du espetxe pribatuei lotuta dagoela gehienbat, baina ez, estatuaren jabetzako espetxeei lotuta dago sistema hori. Langile pila batek egiten baitu lan bertan. Kalifornian, adibidez, espetxezainek 100.000 dolar irabazten dute urtean. Zuk uste duzu espetxe-sistema desagertzea nahiko dutela? Eta langile horiek beren sindikatuak dituzte espetxezainek beren lanpostua galtzen ez dutela ziurtatzeko. Eta zein da daukaten merkantzia nagusia? Presoak. Ezinbestekoa da haientzat espetxeak betetzen jarraitzea. Jende pila bat ari da dirua irabazten espetxeen kontura. Preso gehienak, gainera, desberdintasun ekonomikoengatik daude espetxean, eta beltzak dira espetxeratzeko daukaten bazkarik onena, inork ez baitu ezer egiten haiengatik, ez baitaukate prozesu-kostuak ordaintzeko dirurik.
Oakland and the World Enterprises ekimena: "Udaleko ordezkari baten babesarekin, lur-zati bat lortu genuen, espetxetik ateratako jendearen eta populazio marjinalizatuetako jendearen –hau da, beltz pobreen– jabetzako kooperatibak sortzeko. Hiri baratze bat daukagu oraingoz eta baratzetik ateratako barazkiekin elikagaien bankua antolatu dugu".
2014an Oakland and the World Enterprises ekimena jarri zenuen martxan, preso-ohien jabetzako eta haiek zuzendutako irabazi-asmoko negozioak sortzeko asmoz. Zertan da proiektua?
Beltzok AEBetan jasaten dugun zapalkuntzaren alderdietako bat da espetxean egon bazara, handik ateratzean ez duzula lanik aurkituko, osaba baten dendan-edo ez bada, lana eskuratu baino lehen aurrekari penalak aurkeztu behar baitituzu eta enplegu-emaileak ez zaitu kontratatuko. Hortaz, lanik gabe oso litekeena da berriro egitea delituren bat, droga saltzen edo legez kanpoko zerbait egiten, eta espetxean bukatzea berriro ere. Egoera hori ikusita, eta udaleko ordezkari baten babesarekin, lur-zati bat lortu genuen, espetxetik ateratako jendearen eta populazio marjinalizatuetako jendearen –hau da, beltz pobreen– jabetzako kooperatibak sortzeko.
Ekimena martxan jarri eta hiri-baratze bat daukagu oraingoz. Eta baratzetik ateratako barazkiekin elikagaien bankua antolatu dugu. Horrekin batera, etxebizitza eskuragarriak eraiki nahi ditugu, eta ekimena beste hiri batzuetan errepikatzea nahiko genuke, espetxetik ateratako jendeak aukeraren bat izan dezan. | news |
argia-8336770c8960 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/kubaren-etsai-berri-eta-inoizko-gaiztoena-klimaren-aldaketa.html | Kubaren etsai berri eta inoizko gaiztoena: klimaren aldaketa | Pello Zubiria Kamino | 2018-06-10 00:00:00 | Kubaren etsai berri eta inoizko gaiztoena: klimaren aldaketa
Beraiek erantzukizun txikia eduki arren Lurrak jasaten duen klimaren erotzearen sorreran, Kubako jendeak izango dira beroketa globalak ekarriko dituen hondamendiek gehien kaltetuetakoak. Urakanak, uholdeak, lehorteak, itsas mailaren igotzea, uharteak bere azaleraren parte bat galtzea... Agintariek Tarea Vida izeneko plan estrategikoa abiarazi dute, Sobiet Batasuna hondoratu osteko Periodo Especial-eko larrialdia baino kudeatzen zailagoa izan litekeenari aurre egiteko.
Itsasoa zakarra den egunetan Habanako espektalukuetako bat izan ohi da ikustea uhinak nola lehertzen diren malekoian. Baina edozein habanerok kontatuko dizu itsasoak olatuek gero eta usuago gainditzen dituztela El Malecón dikeko harkaitzak.
Joan den irailean Irma hurakanaren eraginez ozeanoa sartu zen El Vedado auzoan barrena bertako biztanle zaharrenek ere sekulako ikusi gabeko abiadan. " Kuban ez daukagu jendea konbentzitu beharrik klimaren aldaketaz ", esan die kazetariei natura eta komunitate programak koordinatzen dituen Roberto Perez Riverok: "Jendeak dagoenekoz larruazalean bizi du, bere eraginak sufrituz".
Storm Alberto flooding in Cuba 28 May 2018: https://t.co/u178khXxss на @YouTube
— Михаил (@exclamepsn) June 6, 2018
'Irma' gertatu eta zortzi hilabetera, maiatzaren 28an 'Alberto' ekaitz tropikalak txikizio handiak eragin ditu Kuban.
3.000 kilometro baino luzeagoko kostalde baten jabe izaki, Kubari bereziki erasango dio planetaren berotzeak itsas mailaren igotzearekin eta ekaitzen gaiztotzearekin. Bere biztanleen laurdena itsas hegian bizi ditu eta alferrik argudiatuko dute ez dagoela eskubiderik karbono isurketa apalena daukaten herrialdeetako jendeak izateko haren kalteak gogorren nozituko dituztenak.
2013an Kubako biztanle bakoitzak batez beste 2,5 metro kubo karbono dioxido isuri zuen, oso gutxi AEBetako bakoitzak aireratutako 16,4 tonen aldean. Munduko karbono dioxido isurketa guztien %0,08 baizik ez dagokie kubatarrei. Eta hala ere, uharte honetan itsasoaren maila gehiago igo da planetako batez bestekoa baino.
Aspalditik zeuden arazoaz ohartuak uharteko agintari eta zientzialari asko. Hedabideek sarritan aipatu diete herritarrei urteroko batez besteko tenperatura 0,9 ºC igo dela Kuban azken mende erdian, itsas maila 1966tik 6,77 zentimetrotan goratu dela, fenomenoa bizkortzen ari dela azken urteotan eta lehen ikerketa batean aztertutako 499 hondartzetatik dagoenekoz %82k higadura nozitzen dutela.
"Aurreikuspenen arabera –zioen Cubadebate n Ingurumen Agentziako Arrisku arduradunak– itsasoa 2050. urterako 27 zentimetro gorago edukiko dugula eta 2100erako 86 zentimetro gorago. (...) Gaur gure klima beroagoa eta muturragokoa da, hala erakusten digute datuek. Klimaren aldaketa ultimatuma ari zaigu ematen: edo aurrea hartzen diogu gaur edo bihar beranduegi izanen da".
Oharrei entzungor inor lotan baldin bazegoen, Irma hurakanak kendu zizkion begietako makarrak joan den irailean batik bat Kubako ipar kostan etxe eta azpiegiturak suntsitu eta laboreak bezala zuhaitzak errotik erauzi zituenean. Habanan 10 metroko baga ikaragarriek El Malecón famatua gaindituta txikizioak eragin zituzten lehendik zaharkitutako eraikin historikoetan, alde zahar osoa urperatuz.
Irma k eragindako hondamendiak behartu ditu agintariak presa sartzera azken hamar urteotan landu eta 2017ko udaberrian ministroen kontseiluak lege bihurtu zuen Tarea Vida plan estrategikoari . Epe labur, ertain, luze eta oso luzeak ere kontutan hartzen dituen planak klimaren krisiari aurrea hartu eta Kubako ekonomia bezala gizartea egokitu nahi ditu larrialdi egoera berrirako: urak harrapatzeko arriskuan diren eremuetan etxe berrien eraikuntza debekatu, itsasoak mehatxatutako herrietako jendeak lekuz aldatu, nekazaritza prestatu lehorte eta uren gazitze gero eta handiagoetarako, kostaldea babestu harresiz bezala ur bazterreko basoak ugarituz, uharteko oihanak berritu...
Kuba klima zoratuaren laborategi
Itsasoaren igoerak uhartearen 24.000 kilometro koadrori eragingo die, horietatik %20 urpean geratuz, hau da, gaur egun Kubak dituen soro onenetatik asko. Uhartea bera txikiagotu egingo da: adituek kalkulatu dute 2050erako Isla de la Juventud adinako azalera galduko duela Kubak eta 2100erako Santiago probintzia osoa adinakoa... lurralde osoaren %6 inguru.
Itsas hegiari tinko eusteko, Tarea Vida k markatu bezala, hasita daude ur bazterreko mangladiak biziberritzeko lanetan. Mundu osoan bezala Kuban ere oso hondatuta baitaude orain artean ezertarako balio ez zutelakoan zaintzen ez ziren mangle basoak.
Koralezko arrezifeek ere garrantzia berezia dute lehorra itsasoaren eraso bortitzenetik babesteko. Kuba inguratzen duten gehienak sasoi onean daudela dirudi eta orain hasi dira arreta berezia eskaintzen kutsadurak hondatu dituenei.
Kubak ingeniaritza ere beharko du babestu nahi baditu kostako etxe eta azpiegiturak, turistak erakartzen dituzten cayoak, hondartzak, hiri osoak ere bai. Habanako agintariak Holandako espezialistei deitu diete, itsasoarekiko borrokan munduko onenak direlakoan.
Itsasoa, ordea, errio eta ibaietan gora eta lurpeko akuiferoetan barrena ere barneratuko da, gaur gezak diren asko gazituz. Dagoenekoz salinizazioa fenomeno oso zabaldua da. Ur gezari bidea errazteko kanalak hobetu eta berritzeaz gain, Tarea Vida ren barruan hasiak dira gatz artean biziraungo duten laboreetan ikertzen, esaterako salinitateari egokitutako arroz barietateetan.
Ur falta izango da Kubak aurrerantzean gero eta larriago sentituko duen gabezia. 2100erako %37 gutxiago edukiko omen dute eskuragai, tenperaturen igoeraz gain euriak ere gutxituko zaizkielakoan. Lehorteak, suteak, haize ekaitzak... klimaren zoratzearen agertoki guztiak aztertu dituzte orain lege bihurtu duten planean.
Uhartea izanagatik, Kubaren arazoetako bat ur falta da: T3 hedabidearen argazkian, herritarrak kamioitik hornitzen 2017ko idortean.Argazki oina
Tarea Vida ren osagai delikatuenetako bat da lekuz aldatu beharko diren familia, auzo eta herriena. Itsasoak aurrera egin ahala, behartuta aurkituko baitira. Gobernuak dagoenekoz 40 familia atera ditu luzaz arrantzatik bizi izan diren Palmarito herritik eta lehorrean barrurago kokatu. Gatazka gutxi ez dute ekarriko neurriok.
Nondik aterako du Kubak dirua AEBen mehatxua baino errukigabeagoa izango den eraso berriari aurre egiteko? Habanako agintariek aipatzen dute aurten 40 milioi dolar gastatzea Tarea Vida n. Italiak 3,4 milioi aurreratu dizkie. Klimarentzako Munduko Funtsari 100 milioi gehiago eskatu dizkiote. Broma bat dirudi, Europan edo AEBetan edozein tunel alferrikakotan xahutzen direnak ikusita. Beste askotan bezala, kubatarrek beren kasa konpondu beharko dute: " Hay que resolver, compañero ".
Sobietar Batasuna uzkaldu osteko Periodo Especial eko estutasunak gogoan dauzkate oraindik kubatar askok, munduan bakarrik geratzearen itolarria. Hura ahaztu eta kontsumitzeari justu usaina hartzen hasiak direnean, Habanako lider politikoei ez zaie erraza gertatuko herritarrei berriro larrialdiak iragarri eta sakrifizioak aipatzea. Baina Pérez Riverok dioenez, " Irma k zerbaitetan lagundu digu: jendeak ulertu du klima aldaketa jada gertatzen ari dela". | news |
argia-ffb54d3f3376 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/bazterretatik-erdigunera.html | Bazterretatik erdigunera | Aiala Elorrieta Agirre | 2018-06-10 00:00:00 | Bazterretatik erdigunera
Gazako lerroan, Nakba egunaren atarian 50 palestinarretik gora erail zituen Israelgo armadak. Horrelakoekin esponentzialki are krudelagoa bihurtu da palestinar herriak bizi duen nazio jazarpena. Kolonoen eta gobernuaren indarkeria erregularraz gain, latza da ere klase zapalkuntza.
Zisjordaniako unibertsitateko Nithya Nagarajan irakasleak, hain zuzen ere, Palestinak pairatzen duen zapalkuntza bikoitza azaleratu du: auzi nazionala konpondu arte itxaron gabe, auzi sozialari aurre egin nahi dioten sindikalgintzaz eta herri mugimenduez hitz egin du. Bere ustetan, lan arloko zapalkuntzari ez zaio arretarik jartzen nazioarteko espazioetan, noiz eta Osloko akordioez geroztik herri mobilizazio handienak langileenak izan direnean.
Zerrendaratzen dituen mugimendu sindikalek lan borrokaren molde berriak irudikatzen dituzte, eta mugimendu minoritarioak diren arren, masekin lan egiteko praxitik hurbil mantentzen dira. Hauetako bat dugu Osasun Publiko komunitarioko Langileen Sindikatua: osasunaren esparrutik abiatuta, behar sozial zabalagoari fronte egiteko antolatu ziren emakumeak. Zisjordaniako herrixketan herritarrek oztopo handiak zituzten osasun zentroetan arreta jasotzeko eta 1980ko hamarkadan eskola "nazional" bat antolatu zuten osasun komunitarioaren inguruan emakume erizain eta medikuak trebatzeko. Baina Osloko itunaren ondorioz, osasun-sektorea zeharo burokratizatu zen eta emakume horiek erabat zokoratuta geratu ziren, urteetako esperientzia baliogabe geratu zen halaber. Hala, 2007an batu egin ziren beraien trebakuntza onar zedin eta sektore horretan enplegu bat izateko zuten eskubidea exijitzeko.
Zisjordaniako herrixketan herritarrek oztopo handiak zituzten osasun zentroetan arreta jasotzeko eta 1980ko hamardakan eskola "nazional" bat antolatu zuten osasun komunitarioaren inguruan emakume erizain eta medikuak trebatzeko. Baina Osloko itunaren ondorioz osasun-sektorea zeharo burokratizatu zenean, emakume hauek erabat zokoratuta geratu ziren
The Handmaid's Tale telesailak ezagun egin du Margaret Atwood kanadarrak sortutako distopia. Fikziozko mundu horretan, AEBetan ezarritako erregimen politiko totalitarioa deskribatzen da: muturrera daramatza gure munduan errealak diren erregimen eta sistema ekonomikoak. Errealitatetik nahi baino hurbilago dagoen neurrian, krudelkeria erabat ukigarria da. June Osbourne, protagonista nagusia, terrorezko jendarte horretatik atera ezinik ikusten dugu atalez atal: ez dago ihesbiderik. Baina telesailak pizten dituen sentimenduen artean, bada bat itxaropena pizten duena: June ez dago bakarrik. Ikarazko mundu horretan badago norbait Juneren bidelagun izango dena. Goiz da jakiteko bere moduko beste neskameren batekin aliatuko den edo hierarkian gorago dagoen beste emakume zapaltzaile –eta zapaldurekin– bat egingo ote duen.
Maiatzaren 26an manifestazio jendetsuek kaleak hartu zituzten gure hiriburuetan: martxan daude pentsiodunak. Martxoaren 8an eta Sanferminetako auzi sonatuaren ondorengo protestaldiekin, mugimendu feministak gainezka egin du kaleetan. Erresidentzietako emakumeen greba aldi luzea ere burura datorkit ezinbestean: esparru konkretu batetik abiatuta, gure bizitzako esparru are zabalagoak betetzen dituzten aldarriak defendatu dituzte. Gizarte zibiletik ernatutako indar hauek ezberdinak diren arren, helburu asko partekatzen dute. Horietako bat: bizitza duinago baten defentsa, geure buruen jabetzak berreskuratzearen alde.
Pentsiodunen manifestazioan, martxoaren 8ko jende oldeetan, jendeak begietara begiratzen zion elkarri, hauxe esanez bezala: "Hemen gaude bat eginda, ez gaituzte geldiaraziko". Ondoeza kudeatzeko bidelagunak topatu behar dira: begiradei eutsi, eskutik heldu eta abiatu. Ondoeza baino ongizatea izan dadin eskuartean daukaguna. Ondo baino hobeto jaso dute Donostian esaldi bakarrean: "Bizitza da handiena".
Nithya Nagarajanek garbi dauka lan mundurako pedagogia sortzeko, aktibista eta mugimendu desberdinen arteko espazio partekatuak sortu beharra dagoela. Bazterretatik abiatu ohi dira bidelagunak baina erdigunean egiten dira indartsu. n | news |
argia-9704a0ca4bb5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/pilota-kontuak.html | Pilota kontuak | Leire Narbaiza Arizmendi | 2018-06-10 00:00:00 | Pilota kontuak
Parkean nago, umezain. Zanbuluak daude, eta espazio huts bat. Inguruko pretilean jarri naiz. Badaroat tartetxo bat, eta mutiko batzuk hasi dira futbolean, aurrean. Halako batean, indarrez, pilotak oinean jo nau. Min handirik ez dit egin, baina ume bat altzoan dut, eta beldur naiz ez ote duen beste jaurtiketa batek magaleko umea kolpatuko; izan ere, konturatu naiz porteria bat kokatu dutela, eta ni atearen erdi-erdian nagoela. Agiraka egin diet, eta hamaika urte inguruko mutiko batek, hartzekoekin, esan dit ea ez ote den parkea denona. Nik, baietz, baina gurea ere badela.
Egia esan, espazio gutxi dago kalean horrelako kiroletan jarduteko. Gune bat dagoenean, gainera, enbarazu egiten dute, eta lekuz aldatzera behartzen ditugu, Donostiako Egiako kantxetan lez.
Halere, eremu ez espezifikoetan elkarbizitza gaitza da. Eskoletako jolastokietan ondo dakitenez, futbolak dena okupatzen du, zentralitatea hartu, beste guztiak periferiara baztertu, eta jaun eta jabe bihurtu. Batez ere jaun, baloi erabiltzaileak nagusiki mutilak direlako.
Uste nuen gaztelaniazko por pelotas esamoldeak gizonezkoen anatomiaren zati bati zegokiola. Baina baloien kontuari begiratuta, ez ote dago dena lotuta? | news |
argia-9a3148f51e54 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/bihotza-tarratatu.html | Bihotza tarratatu | Itziar Ugarte Irizar | 2018-06-10 00:00:00 | Bihotza tarratatu
Silvia Perez Cruzen kontzertuaren kronika. Maiatzaren 22an, Donostiako Kursaalean.
Bihotza tarratatzen dizuten kantuak dira. Apaingarririk gabe, espero ez duzunean, nota batek nonbaiten harramazka egiten dizu eta begiak malko-putzu bihurtzen zaizkizu, baina ondo zaude, oso ondo, irri txikiarekin eta oilo-larrutan. Ateratzerakoan jendeak zeraman aurpegia ikusi besterik ez zegoen, edo kantu eta kantu artean egin zen isiltasuna. Silvia Perez Cruzen kantua emozio luizi bat da. Bi orduko emanaldi eder bat eskaini zuen Donostiako Kursaalean. Hirugarrenez ekarri zuen harizko boskotea hirira, eta goraino bete zen eraikineko areto nagusia. Biolin jotzailearekin azaldu zen aurrena, Cinco farolas -ekin iluntzea irekitzera, eta, taldea osatuta, Tonada de luna llena jo zuten ondotik. Pribilegiatuak aurreneko ilaretakook, agertokian mugitzeko duen modu berezko horren lekuko zuzen izan ginelako.
Japondik bueltan ziren, eta, gezurra badirudi ere, jendetzaren aurrean harrituta agertu ziren. Tripetatik kantatu zuen Perez Cruzek, doinu arinagoak ere berdin. Ai, ai, ai gozoa, adibidez, Cerca de tu casa pelikulako neskatoak komunean dantzatzen duen eszenari idatzitakoa. "Shakiraren bat sartu nahi zuten, baina garestiegia ateratzen zen, eta, azkenean, hauxe egin nuen. Gero zer eta kantu onenaren Goya saria eman zioten". No hay tanto pan ere erreskatatu zuten aipatu filmetik, etxegabetzeen aurkako aldarria. Musikariak, bikainak, konplizitate handiz lotu ziren elkarrengana eta sekulako jokoa atera zieten instrumentuei; biolin biek (Elena Rey eta Carlos Montofor), biolontxeloak (Joan Antoni Pich), kontrabaxuak (Miguel Angel Cordero) eta biolak (Anna Aldoma). Berak ere esan zuen, apal esan ere: "Ze talde puska garen". Solte aritu zen agertokian; orain ilea lotu, orain askatu, zapatak erantzi, berriz jantzi.
Harramazkarena Ana Maria Moixen Mañana poemarekin gertatu zen, Montoforrek ere abestu zuena; Pere Quarteten Corrandes d'exili -rekin ere harramazka, frankismoaren atzaparretatik bortxaz ihes egin zutenei eskainia. Alaiago, Asa branca dantzagarria ekarri zuen Brasildik, "han non penak ere alaitasunez kantatzen dituzten". Leonard Cohenen Hallelujah -ren bertsio eder bat ere bai. Eta azken diskoari izena ematen dion Vestida de nit ekarri zuen bisak, zoragarria, haren gurasoek duela 30 urte idatzi zutena, Calella de Palafrugell sorterriko paisaia kantuz dakarrena.
Ezustekoa eman zuen kantu "komertzialen" pupurri batekin, zeina barrez eta txaloz hartu zuen jendeak. A capella kantatu zituen Pequeño vals vienes eta Cucurrucucu Paloma , bere errepertorioan klasikoak jada. Eta musikariak oholtzaren puntan zutik, agertokia argi gorriz blaitu eta Gallo rojo, gallo negro borobilak itxi zuen emanaldia, publikoari parekorik ez duen artista baten aho zaporea utzita, bihotza tarratatu bai baina puskatu gabe berori indar bihurtzen duena. | news |
argia-6f5f0efc75e4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/argantzon-ikastola-ez-da-ohiko-ikastola.html | Argantzon Ikastola ez da ohiko ikastola | Be�at Garaio | 2018-06-10 00:00:00 | Argantzon Ikastola ez da ohiko ikastola
Ekainaren 17an izango da "Irrikitan" izenburupean Araba Euskaraz Trebiñu barrendegian. Hirugarren aldiz antolatuko du Argantzon Ikastolak Araba Euskaraz. Adabakia deitzen diote trebiñuar askok beren konderriari, administratiboki Burgos baita, eta geografikoki Araban dago. Horregatik, Argantzon Ikastola ez da ohikoa.
Asko ez dira ohartuko N1 errepidean Araban barrena gidatzean zazpi minutuko tartean Araba-Burgos-Araba egingo dutela. Trebiñu barrendegia da, batzuen ustez Arabako zortzigarren kuadrilla. Lurraldearen azaleraren %7 da, eta Argantzon eta Trebiñu udalerrien parte diren 51 herri txikik osatzen dute.
ARGIAk, 17. Korrika Trebiñutik abiatu zenean, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain trebiñuarra elkarrizketatu zuen. Haren esanetan, euskara XVIII. mende amaieran desagertu zen Trebiñun, Araban behetik gora gertatu zen hizkuntza galera zabal baten baitan. Hala ere, euskaltzainak zioen, barrendegian egin zen inkesta soziolinguistikoak datu argigarri eta itxaropentsuak eman zituela: euskaldunak %13 ziren. 2012an beste neurketa bat egin zen eta euskaldunak urte horretarako %22 ziren (elebidun hartzaileekin %39). Gorakada garrantzitsua izateaz gain, inguruko eskualdeetako datu soziolinguistikoen oso antzekoak dira Trebiñukoak. Egoera zailean hainbat arrazoiri esker erdietsitako lorpena da.
Argazkia: Argantzon Ikastola.
Egoera politikoa ezagutzeko Pablo Ortiz de Latierrorekin hitz egin dugu. Argantzon udalerrian EH Bilduko zinegotzia da eta Trebiñu Araba Da mugimenduko kidea, mugimendua azken boladan geldirik dagoen arren. Saiakera ugari egin dira azken hamarkadatan Trebiñu Arabari batzeko, eta 1998ko erreferendumean biztanleek nahi hori adierazi zuten. Udalerrian alderdi denak agertu dira integrazioaren alde, baina PPk eta PSOEk ikuspuntu ezberdinak dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainian. Duela lau urte, Eusko Legebiltzarrak Trebiñuren integrazioa Espainiako Kongresura eraman zuen, Kongresuak duelako eskumena integrazioa baimentzeko. Erantzuna, ordea, argia izan zen. Ortiz de Latierrok dio konfrontazioa eta herritarren aktibazioa behar direla urte luzez eskatu dena eskuratzeko, baina alderdi eta erakunde guztiak ez daude horretarako prest.
Barrendegian bizi duten egoera administratiboa kontuan izanda, Arabako Foru Aldundiak eta Burgosko Diputazioak hitzarmena sinatua dute barrendegiko herritarrek Arabako zerbitzuak erabili ditzaten. Auzia da osasuna eta hezkuntza erkidego mailako eskumenak direla (kasu honetan EAE eta Gaztela eta Leon), eta sinatutako hitzarmena probintzia mailakoa dela. Zuzeneko diru-laguntzak ere ezin ditu eman Arabako Foru Aldundiak. Horrenbestez, hitzarmen horrek ez ditu bere gain hartzen trebiñuarren bizitzako esparru guztiak.
Gutxisolo Euskara Elkartea eta barrendegiko euskara teknikaria
Euskararen alde egin duen eragile garrantzitsuenetakoa izan da Gutxisolo Euskara Elkartea eta bertako Pilutxi Ansotegirekin bildu gara. Trebiñu herrian euskara eskolak antolatu ziren duela 20 urte eta talde horretako ikasle batzuen artean sortu zuten elkartea. Ansotegik gogoratu du hasieran oso diru gutxi zeukatela, baina gogoz ekin ziotela ibilbideari. "Euskara kalera eramateko" asmoz denetariko ekintzak antolatu zituzten, batik bat gazte eta umeentzako. Hamar kide inguru izan ditu elkarteak, nahiz eta lanean modu aktiboan bost izan diren. Harreman estua izan dute ikastolakoekin, eta hain zuzen, bi eragile horiek izan dira barrendegiko 'euskalgintza'. Adibidez, Ansotegiren semea Argantzon Ikastolako lehenengo belaunaldikoa izan da, nahiz eta eskola publiko euskaldunaren aldekoa izan. Baina hori ezin liteke Gaztela eta Leonen parte izanda. "Erakundeak Trebiñun beti adabakiak jartzen dabiltza", gaineratu du.
Argazkia: Argantzon Ikastola.
Erakunde batzuetatik jaso duten mezua ez da beti adeitsua izan, Gutxisolokoei eskatzen baitzitzaien Euskal Herrian antolatzen diren ekitaldiak antolatzea, kontuan hartu gabe Trebiñuko errealitate eta erritmoa. Udaletan ere Gutxisoloren lana ez da egoki ulertu eta bultzatu, hala dio Ansotegik: "Ito egin gaituzte". Esan daiteke Gutxisolo elkarteko orain arteko kideen jarduna amaitu dela, baina badirudi gazte batzuk elkartea biziberritzeko asmotan dabiltzala. Ez da kasu isolatua, inguruan dagoen Añanako euskara elkarteak ere utzi egin behar izan baitu. Haiek ere ito egin dira.
Erakunde batzuetatik jaso duten mezua izan da ez dutela egingo salbuespenik Trebiñurekin. Eta trebiñarren erantzuna: "Baina Trebiñu salbuespena da!". Horrela, Arabako hizkuntza politika antolatzeko egin zen bilera batean Gutxisolo elkarteak Trebiñuko barrendegiko euskararen egoera salatu zuen. Protesta horren ondoren, Arabako Foru Aldundiak bere euskara teknikarien sarean jardungo zuen langile bat kontratatu zuen barrendegirako eta gaur egungo teknikaria da Beñat Goitia. Ansotegiren esanetan, Goitia zen hasiera-hasieratik Gutxisolo elkarteak behar zuena, "baina beranduegi etorri da".
Lanaldi erdiz ari da barrendegiko euskara teknikaria eta bi udalerrietan euskararen biziberritzea sustatzeko ekintzak antolatzea du helburu, beti ere Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzen bitartez. Bi udalerrietako eta barrendegiko eragileekin (Gutxisolo bera eta Txingoka elkartea) euskararen aldeko jarrera bultzatu nahi du. Adibidez, zinegotzi batzuekin batera ordenantza bat bultzatu zuen, eta ondorioz, Argantzoneko udal-gobernuak neurri batzuk hartu zituen, besteak beste udal bandoak ele biz egitea. Goitiak dio Trebiñuren integrazioa gauza ideologikoa baino, logikoa dela. Adibidez, Trebiñuko eskola publikoan 60 ume daude eta euskaraz ikasterik ez dagoenez, hala nahi duten trebiñarrek Gasteiz eta Langraitzera joan behar dute, Trebiñu eta Argantzon herrietan euskarazko haurtzaindegia badagoen arren. Udalaren ekimenez, eskola publikoan euskara eskolak daude astean behin bazkalorduan, baina ezin gehiago egin Gaztela eta Leongo administraziopean, Estatutuan galiziera eta asturleonera baino ez baitira aipatzen. Dena dela, Goitiak uste du ofizialtasunik ez izanda ere, gauzak egin daitezkeela.
Argazkia: Argantzon Ikastola.
Haur Hezkuntza Argantzonen, Lehen Hezkuntza Manzanosen
2001ean Argantzoneko A ereduko eskola publikoa itxi zutenean, Argantzoneko Udalak Arabako Ikastolen Elkartearekin batera egindako ikerketan ondorioztatu zuen Argantzonen ikastola sortzeko aukera eta nahia bazegoela. 25 urteko eta ilusioz betetako gazte bat kontratatu zuten etxez etxe ikastolarako umeak lortu eta hutsetik hasteko. Ekaitz Lotina zen gazte hura, gaur egungo zuzendaria, eta 2003ko maiatza zen. Urriaren 27an hasi zuten ikasturtea, oraindik eraikinak pintura usaina zuela.
Hamaika haur eta bi irakaslerekin hasi ziren arren, azken urteetan 40-50 haur izan dituzte, zazpi irakaslerekin. Egoitzaz aldatzen joan dira etengabe, "lehengo ikastoletan bezala". Ez da ibilbide erraza izan, arazo ekonomikoak izan dituzte urtero eta irakasleen lan-baldintzak ez dira onak izan. Udalari, gurasoen kuotari eta Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxari esker biziraun dute, baina egiturazko gabezia sakonak hor dirau: ikastolaren erabateko egonkortasun falta.
Borondatea eta militantzia dira Ekaitz Lotinak etengabe azpimarratu dituen hitzak. Argantzon Ikastolak jauzi bat emango duela aipatu digu, Haur Hezkuntzaz gain Lehen Hezkuntza ere eskainiko baitute aurrerantzean. Itxaropentsu daude, uste baitute eskaintzaren ondorioz ikasle kopurua bikoiztuko dutela. Hala ere, Lehen Hezkuntzako eskola Trebiñutik kanpo egingo dute, 5 kilometora dagoen Manzanos herrian. Lotinaren esanetan, "hau ez da Argantzon Ikastolaren garaipena, baizik eta onartzea egoerak behartuta eta ikastolaren hobebeharrez barrendegitik kanpo irten beharko garela". Izan ere, Trebiñun hamabost urtez lan egin ostean, ondorioztatu dute oraingoz ezinezkoa dela bertan egitasmoa garatzen jarraitzea.
2018ko Araba Euskaraz beraiek antolatuko dute. Helburua Argantzon Ikastolaren proiektua, egoera eta Trebiñu ezagutaraztea dira. Lotinaren ustez, hitz batekin definitzekotan "penagarria" da ikastolaren egoera eta "bateren bat lotsatu beharko litzateke". "Eskale kronikoak" direla ere pentsatu izan dute ikastolakoek: "Gu irakasleak gara, baina egonkortasuna lortu ahal izateko ordu eta energia asko kentzen duten kontuetan ari gara". Ikastolatik kanpo jasotzen duten erantzuna: "Animoak, txaloak, hitz onak eta batzuetan dirua (lehen gehiago)". Eusko Jaurlaritzaren bidez Udalak euskara sustatzeagatik jasotzen duen dirua galtzekotan egon ziren. Hala ere, Lotinak dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean gidaritza berria abiatu denetik harremanak askoz hobeak direla. Ikastola ofizialki arautua dago, baina EAEn alta emanda ez dagoenez, Hezkuntza Sailak ezin du zuzenean esku hartu eta EAEko Kultura Sailetik kudeatzen da egoera.
Argazkia: Argantzon Ikastola.
Udalerrian, ikastolak duen sostenguarekin ere gustura dago, bere garaian EAJko udal-gobernuak bultzatu zuen proiektua geroztik udaletxean dauden Independienteek ere sostengatu dutelako. Herrian ere pozik daude, eta egitasmoaren aldeko familia guztiak ikastolara joaten ez diren arren, Argantzonentzat garrantzitsua da herrian bertan eskola izatea. Zailtasunak zailtasun, ikastolaren egitasmoa sendotu eta eraberritu da. Adibidez, Gasteiztik ere badoa jendea ikastolara, izan ere, konfiantzaren pedagogia, umeen zirkulazio librea, adin nahasketa, eta gertuko tratua ildo metodologikoak erabiltzen dituzte, eta gurasoei erakargarri egiten zaie.
Ekainaren 17an egingo den Araba Euskaraz aukera paregabea da Gasteiztik 20 minutura dagoen "adabakira" hurbildu eta ikastolaren egoera ezagutzeko. Trebiñu oraindik ez da Araba eta Argantzon Ikastola ez da ohiko eskola. Trebiñuarren borondatearekin eta lan eskergarekin aurrera atera den proiektua da, egonkortasuna eta biziraupena egunero kolokan dituena. | news |
argia-01afe36648a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/lur-komunaletatik-pribatuetara.html | Baserriaren sorrera ere, kapitalismoaren oinarri | Josu Narbarte Hernandez | 2018-06-10 00:00:00 | Baserriaren sorrera ere, kapitalismoaren oinarri
Herri-lurren gainbehera, baserri "modernoaren" hedapenarekin batera eman zen, Aro Modernoan zehar. Mendiak etxez eta zereal-sailez bete ziren neurri berean galdu ziren jabetza kolektiboa, komunitateen erabakimena eta, neurri batean, baita ingurumenaren ustiapen jasangarriago bat ere. Jabetza-egitura gero eta polarizatuago bat agertzen joan zen, XIX. menderako Euskal Herri atlantikoan nagusi ziren desberdintasun sozial handien iturburu.
Azken bi mendeetan, baserri isolatu eta autarkikoaren ideia funtsezko topiko literarioa izan da Euskal Herriaren zati bat definitzeko. Iruditegi kolektiboaren arabera, hitzak berak adierazten du lurralde honetako landa-paisaiaren izaera: baso-herria, basoetan sakabanatutako herria alegia. Garoa edo Peru Abarka bezalako eleberrietan, hala, baserria errealitate autarkiko eta isolatu gisa aurkezten da. Etxeak bere baitan dauzka etxekoak mantentzeko baliabide guztiak, eta ez du harremanik behar kanpoko munduarekin. Argigarria da, zentzu honetan, Oiartzunen jasotako kondaira bat: horren arabera, Garbuno zen bailarako baserririk zaharrena, eta Pagoaga bigarrena. Bien artean hainbat kilometroko tartea dagoen arren, Pagoaga eraikitzen hasi zirenean, Garbunoko nagusiak honakoa esan omen zuen: "Aldexko, aldexko, auzoak ongi izateko".
Euskal Herriko historia soziala eta ekonomikoa ezin uler daitezke herri-lurren kontzeptuak eta landa-baliabide jakin batzuen kudeaketa kolektiboak izan duten garrantzia kontuan
hartu gabe
Historiaren azterketak, ordea, errealitate konplexuago bat erakusten du. Euskal Herriko historia soziala eta ekonomikoa ezin uler daitezke herri-lurren kontzeptuak eta landa-baliabide jakin batzuen kudeaketa kolektiboak izan duten garrantzia kontuan hartu gabe. Egun, praktika horien memoria –"auzolana" bezalako kontzeptuen iraupen folklorikoa salbu– ia desagertuta dago, baina mende luzez oinarrizko elementua izan ziren tokian tokiko harreman-sareak, eta landa-paisaiaren ezaugarriak kodifikatzeko orduan. Herri-lurren gainbehera, hain zuzen ere, baserri "modernoaren" hedapenarekin batera eman zen, Aro Modernoan zehar; mendiak etxez eta zereal-sailez bete ziren neurri berean galdu ziren jabetza kolektiboa, komunitateen erabakimena eta, neurri batean, baita ingurumenaren ustiapen jasangarriago bat ere.
Landa-ekonomiaren izaera kolektiboa
Erdi Aroaren amaieran, Euskal Herriko landa-komunitate gehienak hiru erakunde nagusiren inguruan zeuden egituratuta: Etxea, jurisdikzioa eta herri-lurrak
Erdi Aroaren amaieran, Euskal Herriko landa-komunitate gehienak hiru erakunde nagusiren inguruan zeuden egituratuta. Lehena etxea zen, oinarrizko subjektu politiko gisa ulertuta; auzotasuna etxeari zegokion, eta haren bidez txertatzen ziren norbanakoak komunitateko harreman-sareetan. Etxe hauek sakabanatuta ala multzoka egon zitezkeen; oro har, laborantzarako lur egokienetan kokatuta egoten ziren, higaduratik babestutako ibarretan edo topografia leuneko inguruetan. Etxe bakoitzak bere baliabideak zituen –lurrak, abereak edota bestelako ondasunak–, eta era autonomoan ustiatzen zituen. Bigarren erakundea jurisdikzioa zen, muga zehatzez definitutako lurralde batean bizi ziren pertsonen bizi-moldea arautzeko komunitateak zeukan eskumena alegia. Hirugarren erakundea, berriz, herri-lurrak ziren; lurralde jakin baten baitan, jabetza pribaturik ez zuten lurrak ziren hauek, oro har baso eta mendialdeetan kokatuak, eta horrenbestez haien kudeaketa eta aprobetxamendua auzotasun-eskubidea zuten bizilagun guztiei zegokien.
Tokiko komunitateek, hortaz, garrantzia handia ematen zioten beren jurisdikzio eta herri-lurrak mugatu eta defendatzeari. Horrela, Erdi Aroaz geroztik dokumentu ugari sortu ziren udal barrutiak zehaztasun handiz deskribatuz; ezarritako mugarriak erregularki ikuskatzen ziren, eta urraketa oro gatazka bortitzen iturri izan zitekeen. Zumaia eta Deba arteko mugei buruzko istiluak, adibidez, 1390ean hasi eta hainbat mendez luzatu ziren. Antzeko tirabirak topa daitezke beste hainbat kasutan ere: Arrasate eta Leintz harana, Plentzia eta Urduliz, Oiartzun eta Errenteria, Baigorri eta Erroibar…
Herri-lurrez hitz egitean, egungo ikuspuntutik zaila da irudikatzea garaiko landa-ekonomian zeukaten garrantzia. Alde batetik, bizilagun gehienen oinarri ekonomikoa osatzen zuen nekazaritzarako baliabide osagarriak eskaintzen zituzten: abereentzako bazkalekuak, egurra, iratzea eta otea bezalako azpigarriak, gaztaina eta antzeko fruituak. Beste aldetik, haien ustiapena erabilera berezietarako errentan eman zitekeen –abeltzaintza espezializaturako, ikazkintzarako edota zurgintzarako–, kontzejuarentzako diru-iturri zuzena osatuz. Era honetan, herri-lur hauetan jarduera eta ustiapen-eredu espezifikoetarako erreserbatutako espazioak azaltzen joan ziren, araudi gero eta zehatzagoekin.
Kudeaketa-eredu berezi bat: sarobeak
Horrela sortutako esparruen artean, oso kasu interesgarria osatzen dute sarobe edo korta direlakoek. Elementu hauen inguruan asko ikertu da azken urteetan eta, oraindik galdera asko erantzun gabe dauden arren, esan daiteke herri-lurren baitan indibidualizatutako sailak zirela, zirkulu edo lauki itxurakoak eta mugarriz inguratuak. Jabetza herriarena nahiz partikularrena izan zitekeen; baina, kasu guztietan, ustiapena pribatua zen, zuzenean edota errenta bidez.
Ezkerretik eskuinera, hainbat plano:
Akillotegi, Sukurruskue eta beste mendi batzuk, Bermeoko hiribilduaren eta Mundakako, Sukarrietako, Axpeko eta Muruetako elizateen artean, 1749.
Ziortzako korta eta herri-lurrak, 1788.
Ikaranbarria sarobe eta etxea, Berriatua, 1623.
Gizaburuagako elizatearen herri-lur eta sarobeak, 1767.
Iturria: Valladolideko Erret Txantzileriako Agiritegia.
Hasiera batean abeltzaintzarako espazioak zirela dirudi, bordaz eta abereak gordetzeko barrutiz hornituak; baina, berandu gabe, zurgintzarako eta ikazkintzarako ere erabiltzen hasi ziren. Teorian, aprobetxamendu pribatuko sailak izateak ez zuen esan nahi bertan edozein jarduera burutu zitekeenik; ugariak dira, Berant Erdi Aroko ordenantza-arauetan, sarobeetan eta oro har herri-lurretan etxebizitza egonkorrak eraikitzeko eta lurrak lantzeko debekuak: Deban (1394), Zestoan (1483), Oiartzunen (1501)… Baina, XVI. mendetik aurrera, herri lurrak –eta, bereziki, sarobeak– labore-lur bilakatu eta ustiapen pribatuaren esku uzteko presioa handitu egin zela dirudi, hainbat faktorek eraginda: hazkunde komertzialak, presio demografikoak eta aldaketa sozio-ekonomikoek, besteak beste. Prozesu horretan, sarobeetako bordak etxebizitza egonkor bilakatzen joan ziren, lurrak labakitu eta maizter bati errentan utziaz.
Sarobe edo kortak, herri-lurren baitan indibidualizatutako sailak ziren, zirkulu edo lauki itxurakoak eta mugarriz inguratuak. (...) Sarobeak herri-lurren pribatizaziorako abangoardia gisa uler daitezke
Gauzak horrela, sarobeak herri-lurren pribatizaziorako abangoardia gisa uler daitezke, eta haien inguruko gorabeherek gako baliotsuak eskaintzen dituzte prozesua ulertzeko. Adibideak ugariak dira: kasu batzuetan, baserri berrien izenek ematen digute jatorrizko funtzioaren pista –saroi/sarobe forma daukaten baserri-izenak Gipuzkoan; borda forma dutenak Nafarroan eta Lapurdin; korta forma dutenak Bizkaian–; beste batzuetan beren kokapenak, herriguneetatik aparte eta inguruko baserrietatik isolatuta egoten baitira. Azkenik, zenbait kasutan sarobetik baserrirako bilakaera berreraiki daiteke, irizpide hauek eta artxiboetako dokumentazioa erabiliz.
Esaterako, 1533. urtean auzia izan zen Zizurkilgo kontzejuaren eta Martin Ruiz San Millango ahaide nagusiaren artean, Andatza mendiko lurren ustiapenaren harira. Garaiko agirietan irakur daitekeenez, Zizurkilgo herri-lurren baitan, batak zein besteak hainbat sarobe zituzten jabetzan, eta hauetan baserriak eraiki izana leporatzen zioten elkarri. Ordukoan, San Millangoa baserri berri bat eraikitzen ari zen Eskeltzuko sarobean, eta herria kontra azaldu zen. Prozesuan parte hartu zuten lekukoen arabera, lur haiek ezaugarri txarrak zeuzkaten laborantzarako, altitude eta topografia desegokietan kokaturik zeudelako; beraz, San Millango jaunak baserriak eraiki eta errentan emanez gero etekin ekonomiko bat aterako zuela onartzen zuten arren, herriak jasoko zuen kaltea handiagoa izango zela salatu zuten, bazka-lurrak gutxitzen zizkielako. Kasu honetan, epaia herriaren aldekoa izan zen, sarobea berez abereak gordetzeko esparru bat zela onartu baitzuen, Eskeltzun baserririk eraikitzea debekatuz.
Joera orokorra kontrakoa izan zen, hala ere. Hernio inguruan, kasu, Zestoako eta Errezilgo kontzejuek hamabi sarobe zeuzkaten erdibanako jabetzan. Aipamen zaharrena 1452ko agiri bat da; hiru mendez, bi herrietako ordezkariek behin eta berriro ikuskatu zituztenez, sarobe hauen bilakaera xehetasun handiz berreraiki dezakegu. Haietako bi (Artaunsoro eta Barrensoro) oso goiz desagertu ziren; 1503. urtean, Joan Perez Idiakaitzek erosi zituen, eta 1562rako Zarauzko ahaide nagusien menpeko baserriak ziren. Hirugarren sarobe bat, Ezkurroa, 1636an bilakatu zen baserri, Zestoako kontzejuaren ekimenez; dirudienez, presio demografikoak eraginda hartu zuten erabakia, errenta baten truke lurrak lantzeko baimena onartuz. Errezilgo kontzejuak erabakia salatu zuen, ordea, bere auzoentzako kaltegarria zela argudiatuta; baina, hark ere Etumetako sarobean baserria eraiki zuen, eta Gipuzkoako korrejidoreak Zestoari eman zion arrazoia. Aurrekaria aprobetxatuta, honek baserri berri bat eraiki zuen Ariztaingo sarobean ere, kasu honetan 1736. urtean. Egun, jatorrizko hamabi sarobe haietatik zazpi baserriak dira.
Muturreko adibide bat Aldudek eskaintzen du. Ingurune hau Baigorriko eta Erroibarko auzoek osatutako mankomunitate batek ustiatzen zuen, gutxienez Erdi Aroaz geroztik, borda eta saroietan oinarritutako abeltzaintza-sistema baten arabera. Hemen ere, herri-lurren apropiazioak XV. mendean hasi zirela dirudi, bi bailaren artean liskarrak eraginez; gainera, 1512. urtean Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren, eskualdean muga berri bat ezarri zen, egoera korapilatuz. Testuinguru honetan, Espainiako eta Frantziako erresumek Errege-kapitulazio batzuk sinatu zituzten 1614. urtean, eta horietan ezartzen zen baigorriarrek "ordura arte landutako lur oro lantzeko eta ereiteko" eskubidea zutela, baina lur berririk ez irekitzeko baldintzarekin, "bazka-guneak babesteko". Lan hauetarako bordak egiteko baimena zeukaten, baina betiere egurrezkoak izatekotan, eta etxebizitza iraunkorrik altxa gabe. Ez dirudi arau hauek arrakasta handirik izan zutenik, 1773rako Alduden herri berri bat osatuta baitzegoen, bere parrokia eta guzti.
Baserri "tradizionalaren" sorrera
Arestian deskribatutako prozesuak landa-paisaiaren eraldaketa sakon bat islatzen du. Tradizionalki, XVII. eta XVIII. mendeetako bilakaera demografikoa "artoaren iraultza" delako teoriaren bidez azaldu izan da. Horren arabera, Ameriketatik ekarritako labore berriek, eta bereziki artoak (Zea mays), iraultza eragingo zuketen Euskal Herriaren isurialde atlantikoaren egitura sozio-ekonomikoan, ordura arte landu gabeko lurrak kolonizatzeko eta uztak izugarri handitzeko aukera emanez. Hala ere, arto-laboreen lehen aipamenak XVI. mendekoak dira Euskal Herrian, baina ez dirudi XVII. mendea baino lehen orokortu zenik. Pentsa daiteke, beraz, espezie berri honen sarrera ez zela, berariaz, faktore eraldatzaile bat izan, lehenagotik zetorren dinamika batean sakontzeko baliabide ezin hobe bat baizik.
Azpeitia, 2017. Zenbait tokitan artoa eta babarruna elkarrekin lantzen dira oraindik. Konbinazio hau oso ohikoa zen Aro Modernoko baserrietako labore-errotazio sistemetan.
Izatez, herri-lurrak Erdi Aroaren amaieratik desegituratzen hasiak zirela ikusi dugu; seguru aski, mende horietan eman zen garapen urbano eta komertzialaren testuinguruan, kapital-metaketa gero eta handiagoek eragindako presioaren ondorioz. Joera hau erabilera kolektiboen kaltetan garatu zen –bazkalekuak, iralekuak, otatzeak eta abar–, nekazal ustiategi berriak sortzeko. Honek gatazkak eragin zituen, esan gabe doa; arestian aipatutako Zizurkilgo adibideaz gain, beste hainbat kasu aipa litezke. Horrela, 1694. urtean, Altzon auzia izan zen, Otsegi eta Intxaurrondo etxe berriak eraiki ondoren hainbat auzo kontra azaldu zirelako: "Altzoko auzo guztiek eskubidea dute iratzeak, oteak, gaztainak eta ongarriak biltzeko; hori guztia auzo-etxeen artean banatuta dago, eta etxe berriak auzoan onartuz gero, beharrezkoa da denei beren parteetatik kentzea etxe berriari emateko, herriko etxe guztien kalte handitan" (Gipuzkoako Agiritegi Orokorra, CO UCI 1066).
Ataka honetan, artoaren sarrerak, lur berriak kolonizatzeaz gain, lurgorria gutxitzeko aukera ematen zuen, gariarekin txandakatuta bi urteko errotazio-sistemak sartuz; gainera, hauek babarruna eta arbia bezalako beste gai batzuekin osa zitezkeen. Horri esker, lur unitateko uztak izugarri hazi ziren, baina aldi berean ongarri-beharra ere areagotu egin zuen. Herri-lurretako bazkalekuak murriztuta zeudenez, abereak ikuiluratzea izan zen konponbidea, haiek elikatzeko beste produktu batzuk –arbia, pagotxa, arto berdea…– landuz. Gainera, XVIII. mendean karearen erabilera ere orokortu zen lurrak emendatzeko, Manuel Larramendik adierazi zuenez: "Esperientziak erakutsi duenez, ongarri eta hobekuntza guztiekin ere, lurrak ahultzen doaz urte gutxi batzuen ondoren. Honi aurre egiteko, bederatzi urtean behin karearekin ongarritzen dira, eta horregatik ia etxe bakoitzak bere karobia dauka, lan askorekin eta egur gastu handiz karea produzitzeko erabiltzen duena" (Korografia, 1756). Horren lekuko dira, egun ere, herri askotako paisaian presente dauden karobi edo gisulabeak.
Azken batean, honek guztiak adierazten du, garai batean herri-lurren bidez asetzen ziren zenbait beharri erantzuteko, etxe-mailan gero eta prozesu produktibo gehiago metatzen joan zirela, lurrak gero eta modu intentsiboagoan landuz. Joera honek desberdintasun sozialak areagotu zituen ezinbestean. Lehenik eta behin, baliabide kolektiboetarako sarbidea mugatu egiten zelako, Erdi Aroko landa-komunitateen oinarri ekonomikoa desegituratuz. Bigarrenik, eredu berriaren arabera, etxe bakoitzaren arrakasta ekonomikoa bere jabetzako lurren kalitatearen menpe gelditzen zelako. Hala, Aro Moderno osoan zehar jabetza-egitura gero eta polarizatuago bat agertzen joan zen, XIX. menderako Euskal Herri atlantikoan nagusi ziren desberdintasun sozial handien iturburu. Garaiko ahozko literaturak –Bilintxen Joana Bizenta Olabe bertso sortak, kasu– modu zorrotzean deskribatu zuen errealitate hura: alde batetik, hainbat baserriren jabe ziren nagusi aberatsak –zenbait ikerlarik "latifundio sakabanatu" gisa definitu dituzte jabetza horiek–, eta bestetik, maizterrek osatutako laborari-klase prekario bat, sarri baserri batetik bestera emigratuz ibili behar izaten zuena. | news |
argia-dad631e0935a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/ispilu-alderantzikatua.html | Ispilu alderantzikatua | David Bou | 2018-06-10 00:00:00 | Ispilu alderantzikatua
Hamarkada bat joan da dagoeneko, Euskal Herrira egindako lehen bisitetako batean, ohikoa ez den egoera edo pasadizo bat bizi izan nuen, oraindik ere umorez gogoratzen dudana. Gipuzkoako herri batean gertatu zen –herritar gehienak abertzaleak dira bertan–, ez dut bere izenari buruzko xehetasunik emango, ez nuke alferrikako estigmak sortzerik nahi.
Katalan kuadrila bat sartu ginen herriko tabernetako batean. Han zeudenak gure jatorriaz ohartu ziren eta zerbitzariak hauxe galdetu zigun atoan: "Ze, pegatinen bila zatozte, ezta?". Barre-algarak zabaldu ziren. Guk berriz, lotsatuta irri egin genuen. Ondoren, hitz eta pitz jarraitu genuen gaueko ordu txikietara arte.
Beste garai bat zen ordukoa. Independentziaren aldeko pultsua odoltsua zen mendi berde eta berun kolorezko herrian, Estatuaren errepresioa basatia zen, armen eta bonben detonazioen danbateko burrunbatsuak entzuten ziren egunero. Aldiz, Mediterraneoaren iparraldeko zoko honetan, subiranotasunak ez zuen autonomismoaren kristalezko sabaia apurtzea lortzen, 1978ko erregimenarekin bi hamarkada luzez itundutako autonomismoa finkatuta zegoen.
Denok ezagutzen dugu Euskal Herriko mugimenduaren adore eta irmotasun gaitasunari gizarte katalaneko hainbat sektorek dioten miresmena. Gatazka politikoaren ondorio tragikoak jasan behar izan ditu, oraindik ere ebatzi gabeko gatazka jasaten du. Garai hartan, "independentista katalanak Bizkaiko Golkoaren bazterretan praktikatzen ziren hainbat egitura, metodo eta estetika erabiltzen saiatzen zirela", esaten zen sarritan. Hau da, "euskal ispilua" kontzeptuaren erabilpena hagitz hedatuta zegoen.
Tabernako barraren inguruan zeuden gazte haiek kontatu zigutenez, batzuetan galdera deserosoak egiten zituen jendez –gu bezalakoak– betetzen ziren euren herriak, bertan gertatzen ari zenaz jakin-minak jota, haien ingurumarian baliagarriak izan zitezkeen irakaspenak jaso eta praktikan jartzeko nonbait. Alabaina, gure autoestimua ahula zen, aldez edo moldez erregeari bota nahi genion xake-matea, giza-komunitate horren kemenari genion miraren ondoriozkoa zen, askotariko arrazoiak direla tarteko, senidekotzat ditugun jende horrekiko miresmenak alaitzen gintuen, baina besterik ez.
Azken urteotan, "déjà vu" bat bailitzan, rolak aldatzen joan ote diren sentsazio arraroa bizi izan dut. Miretsiak luxuzko ikusle izatera pasa izan zarete eta akolitook alde batera begiratzeari utzi izan diogu geure historiaren agintea hartzeko
Azken urteotan, déjà vu bat bailitzan, rolak aldatzen joan ote diren sentsazio arraroa bizi izan dut. Miretsiak luxuzko ikusle izatera pasa izan zarete eta akolitook alde batera begiratzeari uko egin diogu gure historiaren agintea hartzeko. Euskal taldeak gure proiektuak ezagutzeko bisitan ikustea gauza ohikoa bihurtu da, gure tabernariak irrikaz galdekatzen dituzte gure estrategien funtsa ezagutzeko. Paradoxa arraro honek balizko goi-maila batean kokatu gaitu, baina honaino nola iritsi garen erabat kontziente izan gabe.
Zer nahi duzue esatea? Nire ustez ez dago arrazoirik egoera zeharo aldatu dela pentsatzeko. Hau da, orduko Euskal Herriaren ahalmena ez zen guretzat helezina, eta orain ez zarete herri garaitu bat, zuen askatasun irrika gauzatzeko ahalmen izpirik gabekoa. Ez bat ez bestea. Duela hamar urte gu ez ginen proiektu indartsurik gabeko pertsonak, turismo iraultzailea egiten genuenak, inoiz inor izatera iritsiko ez ginenak, bekaizkeriaz begiratzen zintuztegunak, eta orain ez gara ere ezein abangoardia suertea, zuek 60 urte baino gehiagotan borrokatzen ari zaretena bi egunetan lortuko duguna.
Ziur aski, buruzaletasun eta maitasun propioa eskas ditugu, eta batez ere, errealismo apur bat falta zaigu. Utz diezazkiegun geure burgesiei lehiaketak eta beraiei dagozkien traizioak, gure errepublikak gauzatuko ditugun egunean ere ukatuko digute helburu hori lortu izanaren utopia. Gure bideak nazio askapenaz harantzago doaz, guk amesten dugun eraldaketa soziala berez ekarriko ez duena. Bidea partekatu dezagun eta herri bakoitzak alde batetik tira egin dezala, hartara, azkenik, eroriko da hesola. | news |
argia-811a2c5791d0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/emantzipaziora-bizikletan.html | Emantzipaziora bizikletan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-06-10 00:00:00 | Emantzipaziora bizikletan
New York, 1851. Elizabeth Smith Miller emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak bere ustez arrazionalagoa zen janzkera erabiltzen hasi zen: orkatiletan edo belaunetan biltzen ziren galtza zabalak eta gainetik soineko eta gona laburra.
Amelia Bloomer ekintzailea berehala hasi zen horrela janzten eta joera The Lily emakumeentzako aldizkarian bultzatzen. Horregatik, galtza horiei bloomers esan zitzaien handik aurrera. Baina Bloomerrek berak moda hori 1859an baztertu zuen, merinakea asmatu ondoren, haren beharrik ez omen zegoelako.
Ordurako belozipedoa asmatuta zegoen, baina tramankulu garestia eta gidatzen zaila zen. Belle Époque hasieran, 1870eko hamarkadan, bizikleten gurpilen tamaina berdindu zen, pedalak erantsi zizkioten eta prezioek behera egin zuten. Emakume batzuk ere animatu ziren horretan; leku batetik bestera askatasunez eta azkar joateko aukera zuten bat-batean.
Mehatxu berri hari aurre egiteko, medikuek berehala nabarmendu zuten bizikletan ibiltzea oso kaltegarria zela emakumeentzat: antzutasuna eta nerbioetako arazoak eragiten omen zizkien. Eta neurri batean egia zen emakumeei, kortse estu eta soineko astun haiekin, bizikletan ibiltzeak ez ziela mesederik egiten. Arazoa jantzietan zegoenez eta ez bizikletan, bloomers galtzak erabiltzen hasita konpondu zuten.
Orduan, Frantziako irakasleei eskolara bloomersak jantzita joatea debekatu zieten, Londresen Emma Eades-i harriak botatzen zizkioten bizikletan irteten zenean, Lady Haberton-i ez zioten kafetegietan sartzen uzten bizikleta kanpoan utzi eta zerbait edateko asmoz hurbiltzen zenean...
Jarrera horiek nabarmen aldatu ziren mendea amaitu baino lehen. 1894an Annie "Londonderry" Kopchovsky ez zen txirrindularia, ezta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea ere. Baina bi gizonezko entzun omen zituen esaten emakumeentzat ezinezkoa zela bizikletan munduari bira ematea, eta desafioa eduki zuen. Bostonetik irten eta 15 hilabetera itzuli zen abiapuntura, emakumeen eskubideen bultzatzaile eraginkorrenetakoa bihurtuta. 1891ko uztailean Chicago Tribune egunkariko zutabe batek hala zioen: "Lehen uste nuen emakume batek egin zezakeen gauzarik okerrena erretzea zela, baina iritzia aldatu dut. Inoiz ikusi dudan gauzarik okerrena da emakume bat bizikletan ibiltzen". Anniek munduari bira eman ondoren, ordea, halaxe deskribatu zuen balentria The New York World-ek: " Emakume batek inoiz egin duen bidaiarik harrigarriena".
Hurrengo urtean, 1896an, Maria E. Ward-ek Bicycling for Ladies gida praktikoa argitaratu zuen. Bizikletan ibiltzen, aukera egokiena erosten eta matxurak konpontzen irakasten zuen gida hark eta, hala, handik aurrera emakume txirrindulariek ez zuten gizonezkoen beharrik izango. Urte berean Susan B. Anthony sufragista ezagunak garbi adierazi zuen bizikletaz zuen iritzia: "Munduan beste ezerk baino gehiago egin du emakumeak emantzipatzeko" | news |
argia-9717d0587b6d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/notre-dame-des-landes.html | Notre-Dame-des-Landes | Jakes Bortairu | 2018-06-10 00:00:00 | Notre-Dame-des-Landes
NDDL bezala ezagutua den Nantes aldeko herri txikian 50 urtez aireportu proiektu baten kontrako borroka iragan da, bereziki azken hamarkadan. 2009tik goiti ingurumen eta bertako laborarien defentsari klima aldaketaren problematika gehitu zitzaion, eta oro har, produkzio-modu kapitalistaren erabateko kritika. Hasieran mobilizatu ziren jendarteko eragile desberdinei, beste sektore erradikalago batzuk lotu zitzaizkien proiektua oztopatzeko. Borrokaren dinamikak mikro-jendarte alternatiboa sortu zuen eta ZAD sigla desbideratuz "Antolaketa Gibelatutako Eremuaren" ordez, "Defenditu Beharreko Zonaldea" famatua bihurtu zen, espazio sozio-politikoa bilakatuz.
Jendarmeen erasoak ez ditu soilik barrikadak aurtiki. Jokoz kanpo utzi ditu aireportu proiektuaren kontra mobilizatu ziren hainbat sektorek balizko garaipenaren biharamunerako adostu zituzten helburu eta estrategiak
Pasa den otsailean Estatuak behin-betiko abandonatu zuen proiektua. Baina aldi berean, egoera "normalizatzeko" delibero irmoa hartu zuen. Arrazoiak ez zituen falta. Estatuaren autoritatea baieztatzea, amore ematearen afruntua garbitzeko. Hala berean, Vinci enpresak ordezkatzen duen multinazionalen sistemari desafioa gauzatzen eta alternatiba gogo guztiz irudikatzen hasi zen sinboloa errautsi zuen. Azkenik eskuin nahiz ezkerreko sektore produktibisten orroak isilarazi eta, azken asteetan argi gelditu denez, eremutik joatea onartu zuten, betiere beren lurrak errekuperatu nahi dituzten laborari handien interesak babestuz. Ondorioz, apirilaren 9tik Frantziako Estatuak sekula ikusi ez den operazioa martxan eman du: 2.500 militar mobilizatuak, tanketa, helikoptero, drone, kamioi, pala-mekanikoak; 10.000 granada baino gehiago erabili ditu, mota guztietakoak: flash ball eta negar-eragileak. Hots, 300.000 euro xahutu ditu egunero. Behin-behineko bilana: 300 zauritu, horietako bat larriki, bizileku andana suntsituak, baratze batzuk xehatuak eta pentze franko pozoituak.
Baina jendarmeen erasoak ez ditu soilik barrikadak aurtiki. Jokoz kanpo utzi ditu aireportu proiektuaren kontra mobilizatu ziren hainbat sektorek balizko garaipenaren biharamunerako adostu zituzten helburu eta estrategiak. Sei puntutan laburbildutako plataformak borrokan parte-hartzera etorri biztanle orok bertan egoteko eskubidea defenditzen zuen, besteak beste; baita libratutako lurren erabilera aireportuaren kontrako mugimendutik sortutako erakunde batek definitzea ere. Gaur egun, mugimendua perspektibak berpentsatzera behartua da, tarrapataka eta setio egoeraren presiopean. Estatuaren xantaiari uko egin eta dena galtzeko opzioa ala inposatutako baldintzak onartu esperientzia kolektiboak bermatzeko. Eztabaida beroak baina erresistentzia gogoa bizirik halere! | news |
argia-e554f921515e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/eskalapoin-aroa.html | Eskalapoin-aroa | Jakoba Errekondo | 2018-06-10 00:00:00 | Eskalapoin-aroa
Eguraldiaren kontuak amaitu dira; ura, ura eta ura. Zertaz hitz egin igogailuan edo autobusaren geltokian? Ez dago nobedaderik eta beste zerbaiti tiraka hasi behar kontu kontari. Eguraldi txarra omen den honen abantaila, pentsatu egin behar... Lokatza bueltatu da lurraren inguruan aritzen garenon egunerokora, Eskalapoin-aroa! Eskalapoi edo kalotxa, kloska, traskoa, txokoloa edo zur-oskia.
Eskalapoiak ez ditut ezagutu etxean, baina bere izena belarrian dut, guretzat eskalaproiak dira, bere aipamena ohikoa genuen adierazle. Sekula ez dut jakin izan zein zurarekin egiten ziren zurezko oski horiek. Bi baldintza eskatuko nizkioke nik horretarako zurari: arina izatea eta lantzen erraza, biguina alegia. Eskalapoingileak garai batean basoan bertan, zuhaitza bota eta bertan egiten omen zuten lehen lanketa, zura berde-berde hezea eta gordina, izerditan zelarik. Gero bukatuko zituzten etxeko lantokian.
Juan Garmendia Larrañagak 2007an idatzi zuen Luzaideko azken eskalapoigilea ezagutu zuela eta aipamen horrekin batera lau zura aipatzen ditu: intxaurra ( Juglans regia ), urkia ( Betula pubescens ), haltza ( Alnus glutinosa ) eta gaztaina ( Castanea sativa ). Zenbaitek pagoa ( Fagus sylvatica ), makala ( Populus nigra ) eta zumeak ( Salix spp .) ere aipatzen dituzte.
Oinetako horietan soilik galtzerdiekin edo almantarrekin edo mantarrekin edo txapinekin bildutako oinak sartzen zirenez, egokitzeko eta estutzeko baina era berean zuraren kontra minik ez hartzeko, iratzea ( Pteridium aquilinum ) edo artaburuaren zurikina ( Zea mays ) edo belar ondua sartzen zen. Ibilera gozatzeaz gain, oina berotu ere egingo zuten horiek...
Ura urari deika. Urak dakarren lokatzetarako oinetakoak egiteko eta bere erabilera gozatzeko darabilzkigun landare gehienak urzaleak dira. Batzuk amorratuak: urkia, haltza, iratzea, makala eta zumeak.
Uretan gabiltza, gaitzerdi elurretarako galarretak edo bularretak behar ez ditugun bitartean! | news |
argia-eea187a044c2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/donostia-bilbo-gasteiz-giza-katea.html | Irabazteko etorri dira | I�aki Larra�aga | 2018-06-10 00:00:00 | Irabazteko etorri dira
Gure Esku Dagok bost urteko zikloa borobilduko du Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba lotuz, gutxienez 100.000 lagun behar dituen giza katearekin, erabakitze eskubidea izan dadin Euskal Herriko etorkizunaren ardatza.
Eskuak estu lotuta eta ahotsak libre, erabakitze eskubidearen aldarrikapenarekin Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko erronka hartu du bere gain Gure Esku Dagok (GED), inoiz gurean antolatu den mobilizazio erraldoienean. 38 herri eta hiru hiriburu, 100.000 katebegi gutxienez. Gure Esku Dagok bost urte betetzear dituenean ailegatu da bigarren giza katearen proposamena, 2019ko hauteskunde zikloa hasi aurretik, Eusko Legebiltzarreko alderdiei hauspoa eman eta herritarren hatsa senti dezaten. Euskal Herri mailan bidea zabalduko duen mugarria finkatu nahi dute.
GED sasoi ederrean heldu da giza katera, edo, hain zuzen, mobilizazioaren prestaketa izan da entrenamendurik eraginkorrena. Inpresio hori du Nerea Epelde Bilboko eta Deustuko kideak. "Mobilizazioak auzoetako lantaldeak berpiztu ditu, inoiz baino sendoago dauden hamabost talde ditugu martxan. Inurri lanak behar du noizean behin irudi bat, inflexio puntu bat".
Bost urteko jardunean kultura politikoa aldatzea izan da GEDen ardatzetako bat. Saretu dira harreman berriak eta gainditu hainbat aurreiritzi. "Ez da erraza muga ideologikoak gainditzea", dio Epeldek, "baina aurreko giza katearen aldean orain jendearen mesfidantza gutxitu dela sumatu dut. Lehen zipriztinduago zegoen gaia. Nor ote zegoen GEDen atzean, galdezka zebiltzan batzuk". Euskal herritarren arteko errezeloak urtzen doaz poliki-poliki eta ia oharkabean, kaletik desagertzen den elurra bezala.
"Ardura da, erronka da, beldurra sortzen du, bertigoa, erotuta nabil, ala?", azken hilabeteetan burutik pasa zaizkionak zerrendatu ditu Loren Roca Donostiako GEDeko kideak. Manifestazio baten aldean konplexutasun berezia du giza kateak. 3.000 boluntariok dimentsio handiko antolakuntza osatzen dute: kilometroen arduradunak, autobusen antolaketa, izen-emateak, baimenak, kamiseta eta zapien salmenta, koordinazioa, irudien grabaketa… ekimenaren arrakastak antolakuntza zorrotza eskatzen du. "Konbentzituta nago irudi bikaina emango dugula".
Gasteizen ere igarri dute azken asteetan ekinaldia, Lorea Hernandez GEDeko kidearen arabera, "aurreko hilabeteetan jendea galdu xamar zebilen, ez zekiten Korrika antzeko zerbait edo zer genbiltzan antolatzen, baina azken asteetan nabaritu da aldaketa. Giza kateak jende asko hurbildu du gugana, dendara datoz zertan lagundu dezaketen galdetzera, eta interes handia piztu da".
Erabakitze eskubidearen matazari segidan josten zaio estatus politikoaren hari-muturra. Estatu independentea izateko aukera, alegia. Baina GEDek erabakiaren esanahi zabalean ulertzen du, gizarte politika mailan. Hainbat aldarrikapen lotzen dituen haria dela diote, bogan dauden bi diskurtsorekin bat eginda: feminismoaren baitako "norbera bere gorputzaren jabe", eta pentsio sistema bertan kudeatzearen aldekoa. Hartu emana izan da elkarte hauekin eta bi aldarrikapenen olatua giza katean presente egongo da. Hezkuntza sistema, hizkuntza eskubideak, lan baldintzak… auzi hauetan dabiltzanen topaleku ere izan nahi du giza kateak. Hori ikusarazteko, bost euroren truke banatuko diren zapi zuriak askotariko mezuz margotzeko gonbidapena luzatu du GEDek.
Iruñean, Gazteluko plazan, kate bikoitza irudikatu zuten maiatzaren 19an: Nafarroako kateen armarria eta giza katea. Oraingoan nafarrei Zarautz eta Arabako lautada betetzea egokitu zaie, 2014an haienean gipuzkoar eta arabar katebegiei tokia egin eta gero. Bilboko Nerea Epeldek ez du autobusen joan-etorria erraldoia izango den zalantzarik. "Seguru jende piloa mugitzen dela giza kate honetarako, baita Nafarroatik ere. Bilbotarrok hirian bertan dauzkagu kilometroak...", irribarre bihurria agertu zaio Epelderi ezpainetan, "eskerrak, kostatzen zaigu Bilbotik ateratzea eta".
2014ko kateak hiriburu bakarra igaro zuen: Iruñea. Giza katea nondik pasa hor indartu zen GED, eta oraingoan Bilbo, Gasteiz eta Donostiako sugarrak hauspotu nahi dituzte. "Bilbo plaza zailena da. Gakoa izango da ekainaren 10aren bultzada mantentzea. Gerora begira oinarri sendoagoa eraikiko du". Gasteizen ere ekainaren 10ak piztu du ilusioa, "itxura ona eman behar dugu", eta ezagun zaio hitz egiteko abiadan, "oso lanpetuta gabiltza". Aiztogile edo "Kutxi" kalea jai erraldoi bihurtuko den egunean jendea katerako ordenatzeaz arduratuko da Lorea Hernandez.
Maiatzaren 19an Iruñean egindako mosaikoa. (Arg.: GED)
Legebiltzarrari bultzada
Gure Esku Dagok hasieratik argi izan du fokua non jarri: "Herritarrak gara protagonistak". Baina ekainaren 10ean nor bultzatu behar den ere garden erakusten du katearen helmugak. Eusko Legebiltzarraren atarian osatuko da 201,9 kilometroa, azkena hain zuzen, autogobernu ponentzia eztabaidatu eta idazten ari den erakundean. Abagune egokia dute, beraz, erabakitze eskubidea erdigunean kokatzeko.
"Gasteizko Legebiltzarreko lehen hiru alderdiek erabakitze eskubidearen aldeko diskurtsoa dute. %75 baino gehiago dira", esana du Angel Oiarbide GEDen bozeramaileak, nahiz eta eguneroko politikan apenas hezurmamitu den gehiketa hori. "Hurbiletik segitzen ari gara ponentzia. Gure ordezkarien adostasuna ezinbestean herri honen nahiaren araberakoa izan behar da". Maiatzaren 24an EAJ eta EH Bilduk bat egin zuten estatutu berriaren hitzaurrean erabakitze eskubidea aitortzerako orduan; Elkarrekin Podemosek azken unean atzera egin zuen.
Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Legebiltzarrak lankidetza hitzarmena sinatu dute autogobernua elkarrekin berritzeko. Horren baitan, giza katearen bezperan, 600 lagun elkartuko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon herritarren ekarpenak jaso eta adostasunerako aukerak eta joerak bilatzeko. Prozesu parte hartzaile horren sintesia Eusko Ikaskuntzari dagokio, gerora Legebiltzarrak estatutu proposamenean txertatzeko. 2019ko negurako aurreikusia dute azken fasea: galdeketa ahalduntzailea, Espainiako Gorteen onarpena eta erreferendum behin betikoa. Maiatzaren 27an, Gernikan, 200 hautetsik erabakitzeko eskubidearen alde sinatutako manifestua ezagutu zen. Hegoaldeko hiriburuetako lau alkateek bat egin zuten harekin.
Hegoaldeko haizeak
2018ko testuinguru politikoa ez da samurra, egin duten analisiak jasotzen duenez: "Bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean". 155 artikuluaren mamuak estali du zazpi hilabetez Katalunia, eta bide batez euskal autogobernuak kikildu. Katean keinu bat egingo diete Kataluniako preso politikoei, 122garrena elkartasun kilometroa izango da, Indautxun, eta zapi horiak salduko dituzte ANC eta Omnium Culturalen elkartasun diru kutxarako. Ez da ahazteko kontua, Gure Esku Dagok antolatu zituela, ez beste inork, Kataluniako erreferendumaren aldeko bi manifestazio jendetsuenak Bilboko Autonomia kalean.
Espainian abiadura hartu duen birzentralizazio korrontearen aurrean egonean egoteak egungo autogobernu mugatua arriskuan jarri duenean, Gure Esku Dagok ekainaren 10eko giza katearen garrantzia seinalatu du: "Balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan". Zorionez edo zoritxarrez, mehatxua sentitzea mobilizazioaren lagungarri izaten da maiz, eta horregatik ere erantzun zabala espero dute antolatzaileek. Zifra hutsetan esanda: 2014ko katea baino %70 luzeagoa da igandekoa.
Espainia eta Kataluniako gorabeherek demokraziaren alde egingo duten peskizan, itxaropenez ikusten dute ETAren zikloaren itxiera, beste bat zabaltzeko grinez. "Azken hamarkadetan bizitako testuinguru konplexuaren ostean, aurrera egiteko tresna bat gehiago da erabakitzeko eskubidea. Epe luzerako bizikidetza bermatzeko gako garrantzitsu bat".
Gure Esku Dagok egindako spotak aintzat hartzen du ahoz aho dabilen "hoztasuna", mobilizazioa etsipenaren antidoto edo aringarria izan liteke. Gauzak horrela, iragarpen bideoan zuzenean bota dute gezia bihotzera. Aldageletan jota ahituta diruditen emakume errugby jokalariak, eta kapitaina animoak eman nahian: "Zer gertatzen zaigu? Noiz bilakatu gara garen talde kaskar hau? Nondik gatozen ahaztu dugula ematen du. Zertarako balio du kontrarioari gure akatsak aurpegiratzeak taldea ez bagara? Taldea ez bagara alferrik ari gara. Talde bat gara, ala etxera joan behar dugu? Ez daukazue irabazteko gogorik?". Behin coaching ariketa amaituta, mundua irabaztera ateratzen dira neskak.
2.019 arrazoi Herri Ituna errazteko
Giza katea borobilduko duen dokumentua, Herri Ituna, labetik ateratzeko atarian da, erabakitze eskubidea 2.019 arrazoiz jazten duen txostena. Azken urtea lanketa hori egiten eman dute. "Zergatik Erabaki?" galderaren bueltan hiriburuetan mahai inguruak eta eskualdeetan saio parte hartzaileak egin dituzte. Webgunean eskuragarri duten dinamizazio gida mardula landu dute horretarako, eta internetez ekarpenak jaso dituzte. 2.000 bat lagunek parte hartu dute, sektorez sektore bilduta: ongizatea, kultura, herritartasuna eta lurra.
Giza katea egin eta astebetera txostena erakundeen esku utziko dute: Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan eta Euskal Elkargoan. Helburua da dokumentu horrek Herri Ituna ahalbidetzea, "Euskal Herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea helburu duen Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Ituna", GEDen 2018ko plangintzaren arabera. 2019an gogoeta faseari ekingo dio herri dinamikak, bost urteen balorazioa egin eta etorkizunerako pausoak eta helburuak finkatzeko.
Erreportaia honekin batera doa Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileari egindako elkarrizketa: "Herritarren erabakitzeko arrazoiak erabakiguneetara eramatea jarri dugu helburu" | news |
argia-0188874738af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2602/angel-oiarbide-gure-esku-dagoko-bozeramailea.html | "Herritarren erabakitzeko arrazoiak erabakiguneetara eramatea jarri dugu helburu" | I�aki Larra�aga | 2018-06-10 00:00:00 | "Herritarren erabakitzeko arrazoiak erabakiguneetara eramatea jarri dugu helburu"
Gure Esku Dagok bere ibilbideari ekin zionetik da mugimenduko bozemaileetakoa. Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko dituen giza katea eratzearen atarian jardun dugu harekin. Bide batez, mugimenduaren egungo egoeraz ere aritu gara.
Zer sentsazio dituzue ekainaren 10eko giza katearen atarian?
Ilusio handia. Behartu gaitu pertsona bezala ardurak hartzera. Inoiz baino plataforma gehiago daude martxan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Oso ondo doa, Gure Esku Dago erronka handietarako jaio zen, arriskatzeko. Katean azaleratuko dira gainera azken hilabeteetako mobilizazio erraldoiak: martxoaren 8koak, Altsasukoak, pentsionistak… horien guztien aldarrien oinarriak lotzen dituena erabakitze eskubidea delako. Mobilizazioek erakutsi dute momentua dela borrokarako, altxatzeko eta elkarrekin egiteko. Galtzearen sintonia ere badago orain. Hegoaldetik datorren haizeak daukaguna ere kendu nahi digu. Horren aurrean etorkizuna dugu irabazteko, diseinatzeko eta eraikitzeko.
Giza Katea Eusko Legebiltzar atariraino daramazue oraingoan. Zergatik?
Herritarren erabakitzeko arrazoiak erabakiguneetara eramatea jarri dugu helburu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan badago eztabaida instituzionala, Nafarroan eta Iparraldean erritmo diferenteak daramatzate, Gasteizen indarra jartzeko deia handik etorri zaigu. Orain legebiltzar horretan mugarri bat mugitzeko dugun gaitasunak Euskal Herri mailako eragina izango du. Herritar Ituna eramango dugu Gasteizera, baita Iruñea eta Iparraldeko Elkargora ere. Baldintzak sortu nahi ditugu Herri Ituna eman dadin.
Bost urteko ibilbidea betetzear zarete, zein da Gure Esku Dagoren balorazioa?
Oso gustura gaude. Gure Esku Dago herri dinamikak ekarpena egin dio gizarteari. GED gabe, zein egoeratan geundeke? Hasieran aipatu genuen, GED ez zela lelo bat, jarrera bat baizik. Ikusle izatetik protagonista bihurtzera. Ez da fede kontua, pausoak eman behar dira eta eragiteko aukera sentitu. Horretan ari gara. Lehen giza katea aurkeztu genuenean 123 kilometro antolatu genituen. 50.000 lagun behar genituen, hori zen gizartearen tenperatura. Erronka hori gainditu genuen eta bi ideia barneratu genituen: sentsibilitate politiko ezberdinetako jendeak elkarrekin pausoak emateko gaitasuna eta elkarrekin lan eginda eragiteko aukera zenbaterainokoa zen. Giza kate arrakastatsu harekin eskemak apurtzen hasi ginen.
Galdeketak izan dira antolatu dituzuen ekintza nabarmenenak.
Bigarren urtean ehuntzeko, adosteko eta erabakitzeko fasea zabaldu genuen. Galdeketak egitean jarri genuen amaieran indarra: 203 herri, 900.000 biztanle, 190.000 lagunen parte hartzea, herritarren %22,81. Azaroan Donostiak eta Irunek ere bozkatuko dute.
Emaitzen aurrean askok diote parte-hartzea txikia dela. Zer esango zenieke?
Askotan estatistiketan gelditu da galdeketen ildoa, galdeketa prozesuaren aberastasunaren %99 galtzen da horretan. Instituzioen bozketekin alderatzen gaituzte, ohorea da hori, guk ez ditugulako haien giza baliabideak, ezta milioi euroak ere. Eta instituzioenetan zenbatek parte hartzen du? %60k Gasteizen, lehendakaria eta lau urteko politika aldatzeko aukera izanda. Gustatuko litzaiguke askoz ere jende gehiagok parte hartzea, baina fase honi ezin zaio eskatu lotesleak liratekeen hauteskundeak bezalako parte-hartzea. Hori erabiltzen dute esateko ez dagoela interesik, gezurra da. Norbaitek uste badu Eskozia gai dela instituzio gabe horrelako zerbait egiteko, oso oker dago. Zer suposatzen du galdeketa egiteak? Haserretzeko gaia zena orain arrazionaltasunera eramatea. Hau fase bat da. Orain badakigu nola egiten den, nola antolatu behar den.
Kataluniako Jordi Cuixart, Omnium Culturaleko burua, aldamenean izan zenuten iaz Bilboko mosaikoan. Orain espetxean da. Zer gogoeta egiten duzu?
Katalanek erakutsi dute determinazioz eta modu baketsuan, demokratikoki egin dutela bidea. Halere espetxeratuak izan dira, herritarrei hitza emateagatik. Hori da Espainiako Estatuan dagoen jarrera. Bi trenen arteko talka eman da. Iraganekoa eta etorkizunekoa. Talka ez da amaitu. Uste duenak iraganekoak irabazi duela oker dabil. Min handia eragiten ari da, hori bai, baina oraindik ez da partida bukatu. Ez da ehun metroko saioa, maratoia baizik.
2019rako ziklo amaiera iragarri duzue.
Urte horretan ziklo elektorala hasiko da. Adostasuna eta elkarlana hauspotzeko hauteskunde garaia beste muturrean dagoen egoera da. Eredua borobildu behar genuen ordurako. Momentua heltzean bost urteen balorazioa egingo dugu eta ziklo berrian Gure Esku Dagok egin dezakeen ekarpenari buruz hausnartu. Erabakitzeko jaio ginen, erabaki arterainoko ibilbidea dugunik ez dugu zalantzan jartzen. Etorkizuneko erronkei nola aurre egin hausnartu behar dugu. Datorren urte hasieran batzar bat egingo dugu horretarako. | news |
argia-0038362c394e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/zain-ditzagun-trenbideak.html | Zain ditzagun trenbideak | Jakoba Errekondo | 2018-02-11 00:00:00 | Zain ditzagun trenbideak
Polinizazioa garrantzitsua da landare gehienen bizimoduan. Espezie eta aldaera bakoitzaren etorkizuna eraikiko duen hazia sortzeko nahitaezkoa. Lorearen aieka arrak sortzen duen polen aleñoak aieka emearengana egingo duen bidaia da polinizazioa. Bidaia hori intsekturen baten soinean, buruan edo hanketan egin dezake, baina haizeak ere eraman dezake firi-firi kiribilka.
Polinizazioa derrigor garrantzitsua da fruitua edo hazia bildu nahi diogun landarearen hazkuntzan. Begira zein garrantzi izan duen erlezaintzak gure baserri sagardogileetan; sagarrak oparo eman dezan ezinbestekoak ziren erlauntzak. Izan ere erleak dakar sagarra. Erlea etxekotua ez, etxekoa zen!
Nekazaritza industrialak edo kapitalistak ikaragarrizko jipoia ematen dio polinizazioari, intsektuak urritu egiten ditu eta landare ugariren etorkizuna kinka larrian dago. Erleez gain intsektu askok zeresan handia dute milaka eta milaka landareren polinizazioan. Intsektu hauek babestu eta sustatzea izan da ingurumen politika orokorretako arrazoi eta helburu potoloetako bat urte askoan.
Parke naturalek, gune babestuek eta abarrek zeregin nabarmena dute polinizatzaileen iraupenean, baina baita are gehiago antropizatutako edo jendeak eraldatutako guneek ere. Trenbideek, adibidez.
Europar Batasunean 200.000 kilometro inguru trenbide dago. Horien bazterretan lore landare ugari bizi da. Horrek polinizatzaileak ere badirela adierazten du. Krakobian (Polonia) egin duten ikerketa baten arabera trenbideen egiturak (pendizak, tontor lehorrak, beheko-barren hezeak...) intsektu laguntzaile hauen ugaritasuna sustatzen du. Inguruko belazeetan baino gehiago topatu dituzte trenbidean: tximeletak bertako landareak nagusi diren tokietan eta erle jendea kanpoko landareak direnetan. Zuhaixkek bereganatutako trenbide ertzetan intsektu hauek urritu egiten dira. Nekazaritza naturalaren eta ingurumenaren alde, zain ditzagun trenbideak. Herbizidarik gabe, noski! | news |
argia-0516e02bb333 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/cincinnatusetik-cincinnatira.html | Cincinnatusetik Cincinnatira | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-02-11 00:00:00 | Cincinnatusetik Cincinnatira
Erroma, K.a. 458. Lucius Quinctius Cincinnatus (K.a. c. 519-c. 430) erromatar patrizioa lasai eta xume bizi zen bere etxaldean, lurra lantzen. Baina urte hartan, ekuoek erromatarrak eraso zituztenean, erasoa jasan zutenek Cincinnatusengana jo eta jarduera publikora itzultzeko eskatu zioten: diktadore izendatu zuten.
Garai hartako legeen arabera, diktadoreak sei hilabetez botere absolutua zeukaten funtzionarioak ziren eta garairik zailenetan izendatzen zituzten erabakiak hartzeko prozesua ahal zen neurrian arintzeko.
Izendapenaren berri jaso zuenean, goldea utzi, forora jo, ejertzitoa bildu eta gudu-zelaira abiatu zuen. Ekuoak menperatu eta berehala, karguari uko egin zion, erabateko boterea behar baino gehiago erabili gabe, eta etxalde lasaiera itzuli zen. Edo horixe dio kondairak, behintzat. Erromatar Errepublikaren lehen urtetan jardun zuen Cincinnatusek, baina ospea Inperioaren garaian iritsiko zitzaion, diktadore laburra boterea gehiegikeriarik gabe erabiltzearen eredu bihurtu zutenean.
1783an, AEBen Independentzia Gerra amaitu zenean, gatazkan aritutako militar asko zer egin eta nola jokatu ez zekitela geratu ziren. Horietako batzuek Cincinnatien Elkartea izenekoa sortu zuten. Izena erromatar diktadorearen omenez aukeratu zuten, eta izaeran ere haren antza izan nahi zuten. Gudu-zelaian egin beharrekoa eginda, ez zuten militarrek bake garaian jarduera politikoan eraginik izatea nahi; Cincinnatusek egin bezala, bizimodu zibilari heldu nahi zioten. Eta, hala, gerra kontuak utzi eta lursail berriak lantzeari nahiz herri berriak fundatzeari ekin zioten cincinnatiek.
Ondorioz, Appalacheetatik mendebaldera gerora oso garrantzitsuak izango ziren herriak sortu edo zeudenak sustatu zituzten, hala nola Pittsburgh, Pennsylvanian.
Ohio ibaiaren ertzean, 1788an John Cleves Symmesek herrixka bat fundatu zuen, Losantiville izenekoa. Hurrengo urtean Fort Washington gotorlekua ipini zuten herrian eta beste urtebete geroago, 1790ean, Arthur St. Clair iritsi zen Losantivillera. Gerran jeneral eta maior izana, Cincinnatien Elkarteko presidente zen St. Clair herrira iritsi zenean, izena aldatzea erabaki zuen eta Cincinnati deitu zion, elkartearen eta, jakina, erromatar patrizioaren omenez.
Baina izena ez da Cincinnatik Erromarekin duen lotura bakarra. Ezagunak dira antzinako inperioko hiriburuaren zazpi muinoak; bada, Cincinnatik ere beste hainbeste muino ditu eta, horregatik, "zazpi muinoen hiria" ere esaten diote. | news |
argia-e9333b9682d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/jantzi-elektrikoarekin.html | Jantzi elektrikoarekin | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-02-11 00:00:00 | Jantzi elektrikoarekin
Joseba Tapia trikitiarekin lotzea normala da, baina azken urteetan gitarrarekin ere aritu da. Esaterako, Tximela kapitainaren izarrak diskoa gitarra akustikoarekin egin zuen, eta Besamotzak lan berria gitarra elektrikoarekin grabatu du. Trikitiarekin musikari aparta da, eta gitarrarekin ere ederki moldatzen da.
Bere bakarkako ibilbidean sortutako 11 kantu gitarra elektrikoarekin interpretatu ditu. Kantu horiek Tximela kapitainaren izarrak (Zakurraren Biolina, 2013), Eta tira eta tunba (Zakurraren Biolina, 2010), Real Politik (Zakurraren Biolina, 2006) nahiz Quebec, hamalau kantu independentziarako (Gaztelupeko Hotsak, 1999) diskoetan, eta Koldo Izagirre idazlearekin osatu zuen Apoaren Edertasuna (Gaztelupeko Hotsak, 1998) diskoan plazaratu zituen.
Kanta politak dira, eta lan berrian jantzi elektrikoarekin entzun daitezke, indartsuago, baina bizitasuna, zorroztasuna eta gatza eta piperra batere galdu gabe. Ondo gelditu dira gitarra elektrikoarekin, dotore, punteoekin eta bestelako marrazkiekin. Rock talde gisa. Horrela jotzen dute trikitia eta baita pasodoble, reggae, ska eta country kutsuko doinuak ere, modu natural batean.
Abestu eta gitarra elektrikoa jotzeaz egin, Joseba Tapia baxu elektrikoarekin eta eskusoinuarekin aritu da eta programazioaz arduratu, eta grabazio saioetan musikari hauen laguntza izan du: Iker Uriarte (jazpana), Iñigo Telletxea (baxu elektrikoa), Dani Narbarte (eskusoinua), Jexux Aranburu Txus (organoa), eta Maider Ansa, Andoni Tolosa Morau , Txuma Murugarren eta Bernardo Goietxe (ahotsak).
Besamotzak , diskoaren izenburua izateaz gain, Tapiak duela urtebete inguru martxan jarri zuen proiektuaren izena ere bada: Besamotzak taldea. Diskoan entzun daitezkeen kantak jendaurrean jotzen aritu da Iñigo Telletxearekin, Iker Uriarterekin eta Dani Narbarterekin.
Egunotan, Joseba Tapia & Besamotzak taldea diskoa aurkezteko emanaldiak egiten ari da, eta besteak beste, otsailaren 25ean Elizondon joko du. Joseba Tapiaren kantak jantzi elektrikoarekin bertatik bertara entzuteko eta gozatzeko saio ederrak izango dira. | news |
argia-e2b162e4239d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/gorputzak-ehuntzen.html | Gorputzak ehuntzen | Mirari Martiarena Iraola | 2018-02-11 00:00:00 | Gorputzak ehuntzen
"Genero praktikak" ikastaroa antolatu zuten urte hasieran Oiartzunen Ehuntze Sormen Espazioak eta Metrokoadroka kolektiboak. Gorputzetik sortu, gorputzetik hitz egin eta gorputzetik komunikatu daitekeela irakatsi zuten. Generoari buruzko diskurtso potolorik gabe, jolasa eta intuizioa bidelagun hartuta.
Oiartzungo Arraskularre kaleko 16an sormen espazio txiki bat dago. Bertan biltzen dira Idoia Beratarbide artistaren estudioa, Marodi Sorkuntzak eta Metrokoadroka Kolektiboa. Beratarbidek berak, sormen lantegiak eskaintzen ditu. Maria de Berardorekin antzezlanetarako jantzigintza eta diseinuko arropak zein osagarriak sortzen ditu, eta Metrokoadroka Kolektiboarentzat bulego eta egoitza ere bada. Sormenari tira egin eta iazko abenduan bi tailer antolatu zituzten, bata Genero Praktikak liburuan oinarritua eta Iratxe Retolazak gidatua, eta bestea Virginia Despentesen King Kong teoria liburuan oinarritua, Ainara Lasarekin. Ziklo horren barruan sortu zuten "Genero praktikak" izeneko lau eguneko ikastaroa.
"Genero praktikak" ikastaroa. Ezaugarri hau nabarmendu du Ainara Gurrutxagak: "Teoriak ondo daude, eztabaidak ere bai noski, baina antzerkiaren bitartez gorpuztu egin daitezke bizipenak. Argazkia: Metrokoadroka.
Oiartzunen azken urteetan Antzerkizale Taldeak sortutako mugimenduan egon da Metrokoadroka Kolektiboa. Herrian antzerki programazio sendoa sortu da eta publiko fidela lortu dute hilean behingo antzerki saioek. Momentu aproposa ikusi zuten "Genero praktikak" bezalako ikastaro bat antolatzeko, sormenera bideratua eta ez programazio hutsera.
Lau eguneko ikastaroan Miren Gaztañaga eta Ainara Gurrutxaga aktoreek gidatu zituzten goizetako saioak, Metrokoadrokako lagunek arratsaldeetakoak. Talde horretako kideak dira Idoia Beratarbide eta Oier Guillan. Kolektiboan sormenari garrantzi handia ematen diote eta laborategi moduko bat egin nahi zuten "Genero Praktikak" ikastaroaren bitartez. "Hasieran beldur ginen ea jendeak izena emango zuen edo ez, eta ondoren ea ezezkoak eman behar ote genituen", dio Beratarbidek. Oiartzungo jendeak eta inguruetakoak parte hartu zuen eta poztu ziren gaiak herrian interesa piztu zuelako.
Guillanek azpimarratu du talde anitza bildu zela, "antzerkian esperientzia gutxi zuena, esperientzia handia zuena eta inoiz aritu gabea, baina gaia interesatzen zitzaiena". Aniztasun hori, ordea, ez zen oztopo izan, "hasieratik erabaki genuen Miren Gaztañagak, Ainara Gurrutxagak eta Metrokoadrokako kideok, hori onartzea eta erabiltzea. Denentzat lekua dagoen energia sortzea. Guk antzerkia ulertzeko dugun modua jolasetik abiatzen delako eta jolas mota asko daude taldea eta energia berezia sortzen dutenak". Gaztañagak zabaldu zituen Oiartzungo Antzerki taldeko lokaleko ateak eta ikastaroa. Berarentzat "pribilegioa izan zen lehen egunean klasea ematea. Denok batera hasi ginen elkar ezagutzen eta makinaria berotzen. Adin eta perfil oso desberdinetako jendea zegoen, baina guztiek zuten lanerako gogoa". Taldea deskribatzean bat egiten du Gurrutxagak: "Eskuzabaltasun handiarekin hartu zuten parte proposamen guztietan, eta hori pasada bat da!".
Diskurtsotik gorputzera
Generoa beti egon izan da Metrokoadroka Kolektiboaren sortze eta ehuntzeko prozesuen erdigunean. "Generoaren inguruko gaiez zipriztinduko ditugu ariketak, baina diskurtsorik inposatu gabe, norberak bere begiradaren ekarpena edin dezan" esaldi hori azpimarratu zuten parte-hartzaileei hasi aurretik banatutako orrietan.
Metrokoadroka Kolektiboa 'Mr Señora' antzezlana ematen. Argazkia: Metrokoadroka.
Miren Gaztañaga: "Erabakietako bat izan zen parte-hartzaileak askeago sentitzeko klaseak ez arrazionalizatea. Ez genuen diskurtsoetan erori nahi"
Topaketa hauen tituluak asko kontestualizatzen zuen egoera. "Erabakietako bat izan zen parte-hartzaileak askeago sentitzeko klaseak ez arrazionalizatea" dio Gaztañagak. "Proposatutako ariketek beren barruan bazutelako hori eta ez genuen diskurtsoetan erori nahi". Nola lantzen da generoa antzerkian gorputzaren bitartez? "Egiten dugun orok gorputzarekin du erresonantzia eta gorputzak momenturo du kontaktua generoarekin edo eraikiak diren hainbat kontzepturekin. Zer landu nahi duzun argi baldin baduzu, gero jolasean sartu eta emaitzak bakarrik etortzen dira". Gorputzaren presentzia gutxietsi egiten dela iruditzen zaio Gaztañagari eta hitzena baino harago doala dio. "Izugarria da gorputzak bere horretan kontatzen duena. 10.000 sekretu, poz, desio eta pena konta ditzake".
Ainara Gurrutxaga: "Antzerkian bizipenak du garrantzia. Norbere mugak topatuz, beste forma batzuk bilatuz, gure gorputzak eraldatuz... eskemak hausten ditugu"
Gurrutxaga antzerkia ikasten hasi zenean rol oso jakinak izaten zituen, genero eta adinaren araberakoak. "Nire paperak beti ziren ama, emazte, alaba, moja, prostituta… Urteak pasata, beste antzerki ikuskera zabalago bat deskubritu nuen eta gizon ez ezik, animalia edo natur elementu ere bihurtu nintzen. Eztandarazi egin zuen horrek nire buruarekiko ikuskera. Oholtzan nagoenean lehenik eta behin gorputz bat naiz, ez emakume bat. Horregatik uste dut garrantzitsua dela gorputzetik pasatzea, eraikuntza kulturaletatik harago joateko giltza delako". Antzerkiak genero lanketari egin diezaizkiokeen ekarpenez ere hitz egin du Gurrutxagak. "Begiradak zabaltzea, aukerak irekitzea, ezezagunari leku egitea… Antzerkian bizipenak du garrantzia, lehen pertsonan (eta ondoren kolektiboki) bizitzen den esperientziak. Beraz, norbere mugak topatuz, beste forma batzuk bilatuz, estereotipoak hautsiz, gure gorputzak eraldatuz, ausartuz, jolastuz... eskemak hausten ditugu. Teoriak ondo daude, eztabaidak ere bai noski, baina antzerkiaren bitartez gorpuztu egin daitezke bizipenak".
PARTE-HARTZAILEEN BIDAIAK
Parte eta bidaiari izan ziren Eñaut Retegi, Luix Mitxelena eta Pili Arbelaitz oiartzuarrak. Retegik 34 urte ditu eta antzerkizalea da. Metrokoadrokak eta Ehuntzek abenduan antolatutako bi tailerretan parte hartu zuen eta honen izenburuan "generoa" irakurri, eta gaian gehiago sakontzeko gogoa zuenez, izena eman zuen. "Ikastaro teorikoa espero nuen, irakaskuntza tradizionalean oinarritua". Generoaren gaia non zegoen galdetzen zuen hasieran, "baina lau egunetan zehar joan zen guztia forma hartzen". Astearen bukaeran parte-hartzaile bakoitzak sormen pieza bat egin zuen: "Gauza oso desberdinak sortu genituen eta oso aberatsak izan ziren. Irakasleek tekla egokiak sakatu zituzten gugandik aberastasun hori lortzeko". Generorik gabeko antzerki bat ikasi izanaren sentsazioa du, gorputzean oinarrituta.
Parte-hartzaile bakoitza sormen pieza bat eskaintzen. Argazkia: Metrokoadroka.
Luix Mitxelenak 16 urte ditu, Oiartzungo gazteen antzerki taldeko kidea da eta etorkizunean antzerki ikasketak egitea da bere asmoa. Antzerki tradizionala landuko zutela uste zuen, "ez nuen sorkuntza lantzea espero"; Horrekin asko gozatu zuela dio, sortzearekin eta pertsonaia berriak asmatzearekin. "Hutsetik sortzen hastea zer den ikasi dut". Ez dio horretarako bakarrik balio izan: "Konturatu naiz gorputzak ere hitz egiten duela, begirada batek edo mugimendu batek, eta horrela ere komunikatu daitekeela".
Pili Arbelaitz Oiartzungo Txinalka helduen antzerki taldeko kidea da. Bere antzerki jardunari ongi etorriko zitzaiolakoan eman zuen izena. Aurretik bidalitako etxeko lanak irakurtzerakoan pixka bat beldurtu zela esan du, baina egin ahala "erraz osatu nituen ariketak eta eroso sentitu nintzen". Txinalkan hainbat sormen ariketa egiten dituzte eta ez zitzaizkion oso arrotzak egin proposatutakoak. "Goizetan Mirenekin eta Ainararekin asko gozatu nuen". Arratsaldetan egindako sormen ariketetan bat aukeratu behar eta hilerrian barrena emandako paseoa aipatu digu. "Niretzat jende berriarekin eta adin desberdinekoekin egotea ederra da". | news |
argia-40210ae02e14 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/telesail-elkarreragileak.html | Iritsi dira eta geratzeko asmoz | Gaizka Izagirre | 2018-02-11 00:00:00 | Iritsi dira eta geratzeko asmoz
Ikus-entzunezko produktuen arteko lehia geroz eta bortitzagoa izanik, oso konplikatua bilakatzen ari da azken urteotan zinema, telebista edo Interneteko edukiekin jendea harrapatu, harritu eta fidelizatzea. Formatu eta plataforma berriek leihoak ireki dituztenetik, ordea, telebista eta telesailak kontsumitzeko modua eta arauak aldatu dira. Formatu berriak sartu dira pixkanaka gure etxeetan eta, horien artean, azken hilabeteetan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den bat. Gu geu fikzioaren protagonista zuzen bilakatzen gaituzten "telesail elkarreragileak".
Ideia hau, formatuaren barruan berritzailea izan arren, Gamebook moduan ezagutzen ditugun liburuetan ikusi genuen lehen aldiz, "aukeratu zure abentura" ezagunetan adibidez. Irakurleak, eleberriaren barruan zeuden tramen arteko aukeraketa egin zezakeen, harturiko erabakiaren arabera amaiera batera edo bestera iritsiz. Pantaila txikian, izen ofizialik ezean, telesail interaktibo edo elkarreragile bezala ezagutzen dira. Paperezko istorio horiekin alderatuz, diferentzia nagusiena da liburuetan trama guztiak aldez aurretik idatzita daudela, mugiezinak dira nolabait. Serieetan ordea, audientziaren parte-hartze, arrakasta eta erantzunaren arabera aldatzen joan daitekeen zerbait izaten da. Honek, telebistaren arau klasikoen aldaketa erradikala dakar. Lehen, igorlearen eskutik, hartzaileak norabide bakarrean eta era itxian jasotzen zuen mezu bat (telesaila) izaten zen; orain, erreminta berri honek ahalbidetzen du gustu eta lehentasunen arabera, erabiltzaileak bere ibilbidea diseinatu dezakeen joan-etorriko bide bat.
'Skam' telesailak ezarri du mugarria Europa iparraldean: telebistaz gain sareetan ere kontsumitzeko sortua izan da eta fikziotik errealitatera eraman dute
Ekoizpen berri hauekin batera eskutik doazen ezinbesteko tresnak Internet eta sare sozialak izanik, target konkretu bati egokitzen jakitea ere ezinbestekoa bilakatu da. Adin guztietarako moldatzen den formatua izan arren, nerabeen artean ari da izaten arrakasta handiena. Horren adibide nabarmenena Norvegian sekulako zalaparta sortu duen Skam telesaila. 2015 urtean NRK telebista publikoak mugarria ezarri zuen ekoizpen honekin. Zein izaten ari da nerabeei zuzenduriko ekoizpen honen arrakastaren funtsa? Lehenik, telebistaz gain, sareetan ere kontsumitzeko sortua izan dela. Bata bestearen euskarri bilakatu dute. Bata, bestearen laguntzarik gabe, herren geratzen da. Eta bigarren, fikzioak errealitatera salto egiten duela. Istorioko pertsonaiek, fikziotik kanpo, audientziarekin elkarreragiten dute; sare sozial propioak dituzte, tramaren barruko bideo eta argazkiak errealitatean txertatzen dituzte. Audientzia gazte hori istorioaren barruan sartzen jakin izan dute, azken finean. Sorturiko zarata hain handia izan da, nazioartean sei remake prestatzen ari direla une honetan. Nordikoek transmedia narrazioaren olatu hori aprobetxatu nahian, 2017. urtearen amaieran, Hvor er Thea? ere estreinatu zuten.
Herrialde nordikoetatik kanpo ere adibide ugari topatu daiteke. Urtarrilaren 22an HBO telebista kateak, adibidez, bere azken miniseriea estreinatu zuen, eta hemen ere badirudi ez dutela atzean geratzeko intentziorik. Ekoizpenaren izenburua: Mosaic . Steven Soderbergh zuzendari ezagunaren lan berria. Doako aplikazio bat deskargatuz, ikusleak tramaren barruko hainbat erabaki hartzeko ahalmena izango du.
Interneteko munduak gaur egungo ekoizpenetan duen garrantzia eta indarra Stranger Things telesail ezagunaren lehen denboraldian ere antzeman daiteke. Sare sozialetan #JusticeForBarb (justizia Barb izeneko pertsonaiarentzat) traola mundu mailako Trending Topic bilakatu ostean, ikusleek pertsonaia honekiko tratu duina eskatu zuten. Sortzaileak, iritzi guzti horiek kontuan hartu, eta saiatu dira pertsonaia horren etorkizunari beste ikuspuntu bat ematen. Twitter sare sozialak behartu du kasu honetan telebista elkarreragilea izatea.
Netflix eta HBO ere hasi dira mota honetako telesailak ekoizten: ikusleek tramaren garapenari buruzko erabakiak hartzea
erraztu dute
Adibide konkretuez gain, plataforma digitalak ere hasi dira pixkanaka egokitzen. Netflix-ek, adibidez, umeei zuzenduriko lehen serie elkarreragileak sortu zituen iaz, Buddy Thunderstruck eta Puss in Book: Trapped in an Epic Tale . Etxeko txikiek ikusitako abenturei buruzko iritziak partekatu ditzakete, zer gustatu zaien gehien, gutxien eta abar. Ez pentsa, dena den, eduki berezi hauek sortzea erraza denik. Gidoia lantzerako orduan korapilatsuagoa bilakatu baitaiteke lana; eta produkzio aldetik erronka handiagoa planteatu dezake. Dena garestiagoa bihurtzen dela, alegia.
Garaiak aldatzen ari dira, eta nazioarteko belarriek entzuten jakin izan dute "mugimendu" berri hau eragiten ari den zarata. Pentsa noraino heltzen ari den: normalean, pantaila txikiko fikzioan nahiko atzean ibiltzen den Espainiako Estatuan ere, hasi direla gauzak astintzen. Si fueras tú izan da transmedia narrazioa erabiltzen duen Espainiako lehen telesail interaktiboa. Astero telesailaren ikusleek hautatzen dute bozketa baten bitartez saioaren zenbait tramak nola jarraitu behar duten.
Eta hemen aldiz, betiko moduan, beste alde batera begira gaudela dirudi. Noizko Euskal Herrian garai berriei egokitzen diren euskarazko telesailak? | news |
argia-24d57becbe79 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/gipuzkoako-autobus-zerbitzu-publikoa.html | Zuk diozu aldaketa, nik diot murrizketa | Igor Agirre | 2018-02-11 00:00:00 | Zuk diozu aldaketa, nik diot murrizketa
Gipuzkoako zati handi bati autobus garraio publikoa eskaintzen dion Lurraldebus zerbitzuan lineak eta maiztasunak birmoldatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Debagoieneko, Buruntzaldeko eta Tolosaldeko herrietan kezka handia sortu du Diputazioaren egitasmoak, murrizketak dakartzalako haien esanetan.
2017an EAJ eta PSEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiak moldaketak egin ditu bertako herriak autobusez lotzen dituen Lurraldebus zerbitzuan. Debagoienan 2017ko urrian egin dira maiztasun eta ibilbide aldaketak; Tolosaldean eta Buruntzaldean berriz, aurreproiektua aurkeztu du Foru Aldundiak joan den udazkenean. Autobus zerbitzuak izango dituen aldaketek, ordea, arrakala sortu dute eta aurreproiektua ezagutu ostean, aldeko eta kontrako iritziek ezbaian jarri dute proposatutakoa.
Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu departamenduak zerbitzua "berrantolatzeko" beharra ikusi du Buruntzaldeko eta Tolosaldeko ibilbideetan, "mugikortasun iraunkorra" ziurtatu eta herritarren "benetako beharrei" erantzuteko. "Gure eginkizun nagusia zerbitzu publikoa hobetzea da" adierazi zuen PSEko batzarkide eta arlo horretako diputatu den Marisol Garmendiak Euskadi Irratiko Faktoria saioan. "Arrazionalizazioaz" ere mintzo da Garmendia, haren esanetan lineak "gaindimentsionatuta" baitaude.
30 urtez funtzionatu duen garraio zerbitzuaren emakida 2018ko lehen lau hilabeteen barruan lizitatu asmo dute beste hamar urterako, eta martxan izatea espero dute maiatzean edo ekainean. Diputazioak kontzesio bakarrean bildu nahi ditu orain arte hiru enpresen ardurapean egon den zerbitzua, horretarako EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak beste lizitazio batzuen inguruan 2015ean kaleratutako euren aldeko epai bat dauka esku artean: "Lizitatu gabe geratzen diren zonalde bakarrak dira".
Debagoienan 2017ko urriaren 2an jarri ziren martxan Lurraldebuseko lineen aldaketak. Bereziki Oñatin ez daude gustura. Lehen zerbitzu zuzena zuten Aretxabaleta, Eskoriatza eta Bergarara eta berrantolaketarekin horrek okerrera egin duela diote, ez baitute herri horietara autobusez joateko aukerarik lineaz aldatu gabe. Beste adibide bat jarri du Mikel Biain alkateak: "Oñatiri dagokionean, Bergara eta Eibarren arteko linea zuzena ere galdu dugu". Diputazioak dio autobus-aldaketarena ordu erdiko maiztasuna mantentzearen ordainetan jarritako baldintza izan dela; baina Oñatiko Hirigintza zinegotzi Irati Etxeberriak bestelako iritzia azaldu du Gipuzkoako Hitza -n: "Bi aukera eman zizkiguten oñatiarroi, eta guretzat biak ziren txarrak".
Andoain, Hernani eta Usurbilgo udalek diote aurreproiektuak Lurraldebusen zerbitzuaren %35 desagertzea ekarriko duela euren eskualdean
Eskualdeko beste zenbait udalerritan ere kexu dira lineak kendu edo ordutegia murriztu dietelako. Bergarako kasuan, hango udalak –EAJ eta PSEren agintepean– inkesta bat jarri berri du martxan herritarren iritzia jakiteko autobus zerbitzu publikoari dagokionez, eta udalbatzak aho batez onartu zuen "azken murrizketak" salatzeko mozioa.
Parte-hartze prozesua alaalegazioen tramitea?
Tolosaldean eta Buruntzaldean ere autobus garraioan aldaketak ekarriko dituen aurreproiektuak hasieratik sortu du ezinegona. Proiektuaren edukiak soilik ez, hura garatzeko moduak ere kritika zorrotza izan du eta "udalekin eta herritarrekin ez kontatu izana" salatu dute hainbat hautetsik. Zerbitzuaren birmoldaketak izango duen eragina ikusita, udalerrietako ordezkariek ere alegazioak aurkeztu dizkiote egitasmoari. Andoain, Hernani eta Usurbilgo alkateek aurreproiektua bertan behera utzi eta herrietako ordezkariekin konponbide adostua bilatzea eskatu diote Foru Aldundiari. Diputazioa ostera, aldaketak egiteko prest azaldu da baina inolaz ere ez aurreproiektua alboratuz.
Murrizketez mintzo dira hiru udal horietako alkateak eta publikoki salatu dute aurreproiektuak Lurraldebusen zerbitzuaren %35 desagertzea ekarriko duela euren eskualdean. "Zerbitzu batzuk kendu egin dituzte eta hori oso larria da" dio Andoaingo alkate Ana Karrerek. Andoaindik Donostiako Ospitalera joateko autobusen maiztasuna jarri du adibidetzat. Astean zehar, ordu erdiro dagoen autobusa orduro izatea aurreikusten du proiektuak orain.
Mugikortasun sailak, besteak beste, zifra bat darabil zerbitzuak "bermatu eta indartu" egingo direla baieztatzeko: Tolosa eta Donostia arteko eremuan bidaiak 55etik 62ra gehituko dira egunero, haren esanetan, eta zuzenean hiriburura doazen autobusak ere izango dira asteburuan, lehen ez bezala… "Hori al da murrizketa?" erantzun zuen irratian Garmendiak, entzule batek azaldutako kexaren aurrean.
Baina azalpen horiek oso urrun daude herrietan sumatzen dutenarekiko. Usurbil, Eskoriatza, Oñati eta Arrasaten sinadura bilketak egin dituzte aurreikusten diren edo jada egindako "murrizketen" aurrean. Tolosaldearen kasuan, hainbat udaletatik alegazioak aurkeztu dituzte eta Diputazioaren aurreproiektuarekin desados agertu dira Villabonako eta Tolosako udalak.
Tolosatik Donostiarako ibilbidean aldaketa nabarmena aurreikusten da, ordu erditik ordubetera igaroko baita autobusen maiztasuna. Zehazki, Donostiara zuzentzen diren 33 autobus izatetik 18ra jaitsiko da kopurua eta goizeko lehen orduan unibertsitateetara joateko zerbitzua 8tik 4ra. Tolosako Udalak alegazioa aurkeztu du geraleku kopurua mantendu eta maiztasunak orain artekoa izaten jarrai dezan eskatuz. Horretaz gain, Udaleko alderdi guztiek zalantzan jarri dute horrelako prozesu bat herritarren parte-hartzea sustatu gabe egitearen egokitasuna.
Mugikortasun diputatuak parte-hartzea lotu du derrigorrezkoa den alegazioen legezko tramitea betetzearekin. Hala, Buruntzaldeko eta Tolosaldeko aurreproiektua "behin-behinekoa" dela dio eta jasotako alegazio guztiak aztertuko dituztela: "Maiztasunak, seguru asko, aldatu egingo ditugu azken proiektuan. Zubietako kasuan, adibidez, gure akatsa izan da eta ez da linea kenduko". Denera, herritarrek 3.000 alegazio inguru aurkeztu dituztela diote oposizioko taldeek.
Andoain, Hernani eta Urnietatik Donostiako Ospitalera doan G3 lineako bidaiak astegunez %44 eta asteburuan %68 murriztuko direla salatu dute sindikatuek. Foru Aldundiaren esanetan, ordea, punta-puntako orduetan "indartu" egingo ditu birmoldaketak, "jendea lanera, ospitalera edo unibertsitatera eramateko". (Argazkia: Dani Blanco)
Zifren eta datuen dantza
Lurraldebuseko erabiltzaileen kopurua hazten ari da bitartean: 2016ko datuekin alderatuz, 2017ko lehen sei hilabeteetan ia 4 puntu, eta ia linea guztietan izan da hazkundea. Erabakiak hartzerakoan datuek diotenari kasu egiten diotela azpimarratu du Garmendiak: "Badakigu zehazki jendeak noiz erabiltzen duen autobusa, nondik nora joateko eta zer ordutan". Hori kontuan edukita, goizeko punta-puntako orduak, aldatu ez ezik, indartu egingo direla dio, "jendea lanera, ospitalera edota unibertsitatera eramateko"
EH Bilduko eta Ahal Duguko Batzar Nagusietako ordezkariek ere badituzte euren datuak ordea. Foru Aldundiak, gaur egun, urteko 3,5 milioi kilometroko zerbitzua esleitzen du haien esanetan. Aurreproiektuak berriz, urteko 2,7 milioi kilometro esleitzea aurreikusten du, %23 gutxiago. EH Bilduri "manipulazioa" eta gizartean "alarma" sortu nahia egotzi dio Garmendiak, bere esanetan, koalizio abertzaleak 2015ean aldaketa eta maiztasun berak proposatu baitzituen.
Bestalde, beste eskualde batzuetan egindako aldaketek emaitza onak eman dituztela argudiatzen dute Foru Aldunditik, horretarako erabiltzaile kopuruan jarri dute arreta: Goierrin 2016an, %38,8ko gehikuntza izan zen eta 2017ko lehen seihilekoan %12,4koa. Nolanahi ere, eskualde horretan autobus zerbitzua birmoldatu eta erabiltzeko parte hartze prozesuak eta kanpainak egin ditu Aldundiak herritarren artean azken bi legegintzalditan.
Proiektuaren edukiak soilik ez, hura garatzeko moduak ere kritika zorrotza izan du eta "udalekin eta herritarrekin ez kontatu izana" salatu dute hainbat hautetsik
Langileak ere kezkatuta
Proiektu proposamenak autobus zerbitzuko langileen artean ere harrotu ditu hautsak. Orain arte Buruntzaldeko eta Tolosaldeko ibilbidea kudeatu izan duten enpresetako langileek, UGT, ELA eta LABen babesarekin, agerraldia egin zuten azaroan. Haientzat ere "murrizketak" dira Aldundiak proposaturikoak eta zerbitzu publiko batez hitz egitean "gizartearen interes orokorra interes ekonomikoen gainetik" jarri behar dela diote.
30 langilek baino gehiagok lanpostua galdu dezaketela ohartarazi dute sindikatuek –100 lagun inguru ari dira orain lanean–. "Zerbitzuak kentzean, langile asko soberan egongo dira" ohartarazi dute. Kontrara, Mugikortasun Departamentuak dio enpresa esleipendunetan ari diren langileen subrogazioa jasotzen duela aurreproiektuak eta beraz lanpostua eta baldintzak mantenduko dituztela. | news |
argia-17ec9a03a9e4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/langabezian-ez-gaude-gustura-lanean-ere-ez.html | Langabezian ez gaude gustura lanean ere ez | Jon Artza | 2018-02-11 00:00:00 | Langabezian ez gaude gustura lanean ere ez
Lan gutxiago egin, pertsona gehiagok behar egiteko eta hobeto bizitzeko. Utopia zena jokaleku errealista izatera pasatu da. Think tank ausartenak dagoeneko hasi dira datorren enplegua irudikatzen.
Bai, bagenekien: lana krisian dago. 1990. urte inguruan Jeremy Rifkin-ek The end of work (Lanaren amaiera) klasikoan ohartarazi zigunetik, aurreikuspenik okerrenak betetzen ari dira. Baina orain egiaztatzen ari gara: lana —zehazki, 'enplegu' ordaindua— laugarren Industria Iraultzan amaituko da, gizarte eta lan egitura birrintzen ari den golem bat bailitzan robotizazioari aurrera eginarazten dioten automatizazio digitalari eta inteligentzia artifizialari esker.
Oraingoz, mezulariak ari dira iristen: langabezia estrukturala, zabor lana, lan erreformak, emigrazioa... Labur esanda, prekarietatea sistema gisa. Egoera kritiko honetan zenbait proposamen indar hartzen ari dira, hala nola oinarrizko errenta unibertsala eta enpleguaren banaketa; bigarren horren adibide da Banatu taldeak proposatu duen eta Nafarroan aitzindari den administrazio publikoetan lana banatzeko Foru Legea.
"Gutxiago lan egin, pertsona gehiagok lan egiteko eta hobeto bizitzeko", utopia jokaleku errealista izatera pasatu da, baldin eta, paradoxikoki, kapitalismoak gatazka eutsiezinik gabe biziraun nahi badu. Jacques Ellul-ek salatu bezala kapitalismoak eta marxismoak —kristautasunaren bedeinkazioarekin— berdin partekatzen duten "lanaren ideologia" santifikatzailean harrapatuta, oraindik ez dugu aurkitu postlangilearen duintasuna, Jünger-en Langilea ordezkatuz etorkizuneko protagonista izango den "langabetu aktiboaren" figura.
Hiperlangabezia
Think tank ausartenak dagoeneko hasi dira datorren hiperlangabezia saihesteko formulak pentsatzen: zaintzak ustiatzea, big data merkantilizatzea, roboten gaineko zergak… ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen txosten berri baten arabera, Espainia, Austria eta Alemania dira robotizazioak eragiteko arriskurik handiena duten Europako herrialdeak (%12, bataz bestekoa %9koa denean); batzuk industrializazio maila handiagatik, besteak kualifikazio maila txikiagatik. 2013ko The Future of Employment txostenaren arabera, automatizatzeko aukera gutxien duen lanpostua jolas-terapeutarena da eta hori ez da oso lasaigarria.
Arazoa da, paradigma aldatzen ari den bitartean, prekarietatean daudenen baldintzak nabarmen ari direla okerrera egiten, eta ez dirudi sindikatu nagusiak beren buruari reset egiteko gai direnik. Ondorioz, etorkizuneko lan gatazkatan parte hartuko duten ekimenak sortzen ari dira, bereziki, gazteen sektorean, esaterako, Iruñerriko Langileon Autodefentsa Sarea.
Jussieuko langabetuen batzarrak ohartarazi zigun: "Langabezia desagerrarazteko modurik onena lana abolitzea da". Egokieraz baliatzen den boutade situazionista dirudi, baina hobe dugu postlanaren koan gisa hartzea. Paul Lafarguek, Marxen suhi bihurri eta nagikeria eskubidearen aitzindariak, ederki ulertuko luke, beharbada, hemendik gutxira, Bartebly-ek, Melvilleren pertsonaiak esaten zuen hura esango baitugu: nahiago nuke ez lanik egin… eta gozatuz, matxinatuz eta biziz egin ekarpena gizarteari.
Artikulu hau Hordago - El Saltok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu gurera euskaratuta. | news |
argia-fbcd4d69e838 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/irunerriko-langileon-autodefentsa-sarea.html | "Sindikatu ezin daitezkeenak defendatzen ditugu" | Ivan Pastor | 2018-02-11 00:00:00 | "Sindikatu ezin daitezkeenak defendatzen ditugu"
Iazko uztailaren amaieran Iruñean Koi Sushi jatetxeak zor zion guztia ordaindu zion Migueli, jatetxeko banatzaileetako bati. Garaipen hura ez zen lortuko Miguelek bere eskubideak aldarrikatzeko Langileon Autodefentsa Sarera jo izan ez balu, eta erakunde honek hilabete eta erdian emandako laguntzarik eta sustatutako kontzentraziorik gabe.
Nola sortu zen Langileon Autodefentsa Sarea?
Kezka bera genuen hainbat pertsona bildu ginen: gazte mugimenduak lana urruneko kontutzat zeukala iruditzen zitzaigun. Hitzaldiak antolatzen hasi ginen, baina aldarrikapen hutsetik harago, lan baldintzak hobetzeko modu aktiboan borrokatu nahi genuen. Pixkana jende gehiago bildu zen, gure berri eman genien gizarte kolektiboei eta aurkezpena 2016ko azaroan egin genuen.
Baina bazenuten esperientzia…
2016ko Sanferminetan kanpaina batekin aurkeztu ginen jendaurrean; hiria papereztatu genuen "San Ferminek esplotatu egiten zaituzte. Zuk gozatzen duzu, haiek lan egiten dute" leloarekin. Elkartea eratu gabe zegoen oraindik, baina ikusi genuen festetan errespetua galtzen zaiela zerbitzari, saltzaile ibiltari eta kale-garbitzaile askori. Festen politizazioaren ikuspuntua aldatzea zen gure asmoa, festa eremuan pankartak jartzera mugatu gabe, gaizki ordaindutako eta ezkutuko enpleguaren baldintza geroz eta hedatuagoak salatzeko, maiz ahaztu ohi direnak. Kanpaina arrakastatsua izan zen eta iaz berriro egin genuen. Aurrerago enpresako afariei buruzko kanpaina egin genuen. Nagusiak gonbidatzen zaituela baina azken finean zuk ordaintzen duzula nabarmendu nahi genuen.
San Ferminetarako egin zuten kartela.
Gatazketan ere modu aktiboan parte hartzen duzue.
Jakina baietz. Hitzaldiak eta kanpainak antolatzeaz gain, praktikan gure lana da guregana jotzen duten pertsonen gatazkak konpontzen ahalegintzea edo beste borroka batzuetan laguntzea, informazioa zabalduz eta mobilizazioetan parte hartuz, Capraboko langileen greban egin genuen bezala.
Orduan aholkularitza zerbitzu baten antzera funtzionatzen duzue?
Ez, hasierako gure hausnarketa politikoaren parte da lan eremu hori arbuiatzea. Tresna praktikoa eta eraginkorra izan nahi dugu, langilea parte hartzera bultzatuko duena eta elkartasun sareak ehunduko dituena. Sindikatuak iristen ez diren tokietan jarduten dugu: sektorean interesik ez dutelako edo langileek defendatzeko ahalmenik izan ez dutelako. Ez diegu bide juridikoei lehentasuna eman nahi; gure lan egiteko modua gatazka nabarmentzea da, klase elkartasuna zabaltzeko ahaleginean. Gure ustez, metodo horren bidez, pertsona horri laguntza emateaz gain, borroka bakoitzarekin gizentzean doan kontzientzia sortzen da. Bereziki, eragindako pertsonak parte hartzea eta bere aldeko pertsonen sare bat dagoela jakitea nahi dugu.
Argazki oina
Zer egitura izango duzuen erabakitzen ari zarete oraindik…
Bai, deszentralizazio prozesuan gaude. Gure ekintza eremua Iruñerria da eta, urtebeteko ibilbidea egin ondoren, auzoetan lan egiten hasi nahi dugu. Auzoko batzorde txikiak eratu nahi ditugu propaganda lanetarako, gatazkak antzemateko eta gizarte egiturarekin harremanak izateko. Jendeak erantzun dezan auzoan antolatuta egon behar duzu, baina ez duzu egitura astuna behar. Eredu hau eraginkorra da zerbitzuen sektoreko proletalgo berriarekin jarduteko, baina iristea zailagoa den beste errealitate askoz ere handiago bat dago: industriako azpikontratazioa, behin-behinekotasunari eta aldi baterako lanerako enpresei lotua, gazte asko esplotatzen dituena.
Baina gazteak izan arren –21 eta 32 urte artean dituzue– ez duzue gazteen prekarietatera mugatu nahi…
Hasieratik uko egin genion horri. Gizarteak denei etiketak jartzeko eta talde txikietan zatitzeko joera dauka eta guk kontrakoa nahi genuen. Gazteak, etorkinak edo emakumeak bakoitza bere aldetik ari badira, azkenean langile klaseak indarra galtzen du. Nahiko bateratzaileak gara eta, gainera, inguru militantetik atera nahi dugu. Oharkabean pasatzen diren arazoak dituzten pertsonengana iritsi nahi dugu. Horregatik saiatu ginen estetika betikoa izan ez zedin, lehen begi kolpean gogaitzen gaituzten ohiko sinboloekin.
Zer diagnostiko egin zenuten lan merkatuaz, horrelako erakunde baten beharra ikusteko?
Ezegonkortasuna eta aldi baterako lana oso zabalduak daude eta horrek ez du lantokian modu iraunkorrean antolatzeko aukerarik ematen. Sindikatu ezin daitezkeenak defendatzeko sortu ginen, gizarte honetan ordu asko lan egiten dituen eta oso gutxi ordaintzen dioten pertsonak baitaude eta ezin dituzte hilean 60 euro ordaindu edo ez dute nork defendatu. Langile klasea eta antolatzeko moduak birmoldatzen ari dira. Sindikalismo sozialaren hainbat adibidetan ikusi dugu hori, hala nola Movistar edo Bershkaren grebatan, edo lantokian baino lurraldean oinarritutako erakundeak, esaterako Carabancheleko ADELA (Langileen Autodefentsa) edo Seattleko Elkartasun Sarea.
Eta zein izan da sindikatu tradizionalen erantzuna?
Ia denekin hitz egin dugu. Txikiekin kidetasun handiagoa izan genuen, eta handienekin mesfidantza gehixeago. Beste zerbait gara. Ez dugu sartu nahi izan "alderdikeria sindikal" horretan, egitura bateratzaile eta asanbleario bat eratu baizik. Behin, fabrika bateko gatazka batean, zer interes genituen galdetu ziguten. Nahi dugun gauza bakarra da jendea lanean antolatzea eta elkartasun loturak sortzea. Ez dugu afiliaziozko egitura bat nahi, militantziazkoa baizik.
Ondorengo bideoan ikus daiteke Koi Sushik dirua zor zion langilea, presioaren ondorioz ordaindu ziotela pozik ospatuz eta elkartasuna eskertuz.
Elkarrizketa hau Hordago - El Saltok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu gurera euskaratuta. | news |
argia-fb508bd0ceb3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/lanaldia-murriztu-daiteke.html | Lanaldia murriztu daiteke? | El Salto - Hordago | 2018-02-11 00:00:00 | Lanaldia murriztu daiteke?
Lanaren banaketa alternatiba ezinbestekoa, bidezkoa eta, batez ere, bideragarria da langabeziaren aurka egiteko.
Langabeziaren egungo kronifikazioari eta gutxiespenari soldata txikien eta nahi gabeko lanaldi partzialen igoera erantsi zaie, batez ere emakumeen artean. Azken Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek diotenez, langabezia tasa %10,6koa da Nafarroan eta % 11,5ekoa EAEn (%16,6 eta %18,8 nahi gabeko partzialtasuna langabeziatzat hartuz gero). Emakumeen langabezia tasa %24tik gorakoa da. Egoera honetan lanaldia murriztea -hau da, enplegua banatzea- sekula baino beharrezkoagoa da.
Lan Kostu Bateratu errealen jokabidea kontuaz hartuz gero, gainera, murrizketa neurri justua da. 2010etik 2015era, murrizketa metatua %5,6koa izan da Nafarroan eta %6,9koa EAEn, soldatak produktibitatea baino gutxiagoa hazi direlako.
Gipuzkoarako plan bat
EUSTATen eta Nafarroako Foru Ogasunaren 2008-2012 urteen arteko datuak alderatuta, zerga zuzenen (PFEZ eta sozietateen gaineko zerga) batez besteko presio eraginkorra %15,4koa izan zen lan errenten gainean eta %5,5ekoa kapital errenten gainean. Bereziki enpresa handiek zenbait zerga-abantaila erabiltzen dituzte Sozietateen gaineko Zerga saihesteko: amortizatzeko askatasuna, beste ekitaldi batzuetako zerga oinarri negatiboak konpentsatzeko kenkariak edo zerga bikoitzen salbuespena… Ondorioz, kapital errenten %40k baino gutxiagok ordaintzen dituzte zergak Ogasunean; soldatei dagokienean, aldiz, %100ek ordaintzen dute.
Beharrezkoa eta bidezkoa izatez gain, lanaldia murriztea bi joerei buelta emateko politikarik merkeena eta eraginkorrena da. Gipuzkoako adibidea aintzat hartuta, soldatapeko biztanleriaren lanaldia %10 murrizteak lanaren banaketan izango lukeen eragina aztertzea interesgarria da. Helburua langabezia tasa % 5 jaistea litzateke, eta bi abiapuntu izango lituzke oinarri: soldatetan aldaketarik ez egotea, edo lanaldiaren murrizketaren eraginez, soldatak %5 jaistea.
Bi kasuetan administrazio publikoen diru-sarrera erantsiak oso handiak izan litezke: BPGren %3,4 lehenengo abiapuntuan eta %2,5 bigarrenean. Soldatak murriztean, hasieran soldatapeko langileek BPGren % 2,9aren kostu baliokidea ordainduko lukete eta, kasu horretan, ordainsari txiki eta ertainak pixkanaka berdindu beharko lirateke PFEZ bidez. Enpresentzat kostuak BPGren %7,3 eta % 3,3 artekoak lirateke bi egoeretan, eta bidezko banaketarako mekanismo bat beharko litzateke lanean intentsiboenak diren enpresak ez zigortzeko, normalean ez baitira izaten etekin gehien lortzen dutenak. Negozio bolumenaren gaineko zerga progresibo baten bidez egin liteke, fakturazioa zerga-oinarritzat hartuz. Banaketaren Zerga honen kuotari lanaldiaren murrizketak eragindako kostuak kenduta, enpresaren likidazio-saldo positiboa edo negatiboa lortuko genuke. Zergaren emaitzak neutrala izan behar luke, salbu eta lanaldiaren murrizketan parte hartuko ez luketen enpresen kasuan. Kasu horretan, diru-sarrera publiko gehigarriak egongo lirateke, enplegu publikoa sortzera bidera litezkeenak.
Eta Nafarroa?
Foru Erkidegoa da une honetan lanaldia murrizteko politika gauzatzeko aukera eztabaidatzen ari den toki bakarra. Murrizketa erkidego mailan ezar liteke, Espainiako Estatuak horrelako politikak noiz martxan jarriko zai egon gabe. Gainera, Banaketaren Zergaren alternatiba osagarriak egongo lirateke.
Batetik, pizgarriak sektore pribatuan eta enplegu publikoaren banaketa –azpikontratazio klausuletan ere jaso litezkeenak–. Eta, bestetik, gobernuak Enpleguaren Aldeko Hitzarmena bultza dezala, patronalen eta sindikatuen arteko negoziazio kolektiboaren bidez. Edonola ere, langabezia murrizteko politikak abiaraztea, errenta modu justuagoan banatzea, soldaten eta etekinen araberako zerga bidezkoagoak ezartzea eta enplegua eta zaintza lana banatzea beharrezkoa, bidezkoa eta, batez ere, bideragarria da.
Artikulu hau Hordago - El Saltok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu gurera euskaratuta. | news |
argia-1be0256dfb3d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/hazkundea-eta-sandwichak.html | Hazkundea eta "sandwichak" | Endika Alabort Amundarain | 2018-02-11 00:00:00 | Hazkundea eta "sandwichak"
Zerga-bilketa arloan, hainbat ahotsek diote txarto eta baldar biltzen dela. Egia esan, legedia hainbat zirrikitu du zerga elusioa edo saihestea gauzatzeko. Zerga iruzurra beste gauza bat da, nahiz eta askotan bien arteko muga fin-fina izan. Horretan enpresa handiek, multinazionalek, enpresa taldeek abantaila dute. "Irlandar bikoitza" eta "Herbehereetako sandwicha" zerga gutxiago ordaintzeko estrategiak dira, oso erabiliak.
Adibidez, Herbehereetan enpresa bat sor daiteke, xede bakarra Irlandan egoitza duen enpresaren jabego intelektualari kobratzea izanik. Gero, Herbehereetako sozietateak jasotako %99 beste zerga paradisu batera bidera dezake. Guztia legezkoa, baina ez dago edozein enpresaren esku. Adibidez IKEAk horrela jokatzen du, beren egoitza Herbehereetan baitago, ez Suedian.
Irabaziak izatea eta egoera ekonomikoa txarra dela esatea ez dira kontraesankorrak,
erreminta zehatz batzuk erabiltzen badira
Hala ere, bertoko legediak enpresei beste erremintak eskaintzen die, lehen azaldutakoak erabiltzeko dirua eta egitura garrantzitsu bat behar baita. Ez da zerga kontua bakarrik, zenbait neurritan "arrazoi ekonomikoak" argudiatzeko oso erabiliak baitira. Irabaziak izatea eta egoera ekonomiko txarra dela esatea ez dira kontraesankorrak, erreminta zehatz batzuk erabiltzen badira.
Azken urteotan, ekonomista moduan, nire ibilbide profesionalean hurrengo lerroetan azalduko dudana sarritan ikusi dut. Itxurazko adibide bat erabiliko dut uler dadin. Demagun A enpresa txiki batek (25 langile), txikizkari merkataritza sektorekoa dela. Lokala, jabe berarena dela, beste enpresa baten izenean jartzen du (espresuki sortua, B). Hornidurei buruz jabe beraren beste enpresa bat arduratzen da (C), azken honek hasierako enpresariari (A) hornidura hauek salduz. Jabeak hiru sozietate ditu, baina ia kostu gehienak bakarrean bildu ditu, A delakoan.
Zein da beste bi enpresen helburua? B enpresaren kasuan, jabeak bere buruari alokairua kobratzea. Igo edo murriztu dezake, A enpresan irabaziak murrizteko. C enpresaren kasuan, prezioekin jolas dezake A enpresaren produktuen etekinak jasotzeko. A bankuekin zorpetu daiteke, B eta C enpresek A-tik dirua kostu barik eskuratuz. Azken finean, gastuak eta kostuak beti A sozietatean izango dira. Hau ez da "Irlandar bikoitza" eta "Herbehereetako sandwich" bat, baina Euskal Herri penintsularreko enpresetan joko handia ematen du. Legezkoa da.
Nortzuk dira jokaera hauen galtzaileak? Langileak, noski. "Arrazoi ekonomikoak" direla eta, soldaten murrizketak, lan hitzarmenen jaitsierak, kaleratzeak... aplikatzen dituzte. Gure lurraldean ekonomia hazkundea dago eta hazkunde hori kapital errentara (enpresarien patriketara) joaten ari da. Horrela ere gaur eguneko hazkundea azal daiteke. | news |
argia-eeec7995c973 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/iratxe-osoro.html | "Anorexia duten gehienak besteez arduratzen diren emakumeak dira" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-02-11 00:00:00 | "Anorexia duten gehienak besteez arduratzen diren emakumeak dira"
Arrazoi pertsonalak eta sozialak tarteko animatu da Iratxe Osoro jendaurrean anorexiaz hitz egitera: batetik, fase bati agur esateko, eta bestetik, gaiaren inguruko isiltasuna hausteko. Hitz egin dezagun, bada.
Normalean, kazetariok jo ohi dugu elkarrizketatuengana. Kasu honetan, ordea, zuk egin zenuen nigana. Zer dela-eta?
Kazetaria baino zerbait gehiago bazara, eta uste dut laguna izanda errazagoa izan zela pausoa ematea: konfiantza daukagu, askotan egin dugu berba gai honen inguruan eta, bueno, momentua iritsi zen. Napoka Iria taldearen agur-kontzertura joan ginenean konturatu nintzen etapa berriak hasteko beharrezkoa dela aurrekoari agur esatea. Inflexio-puntu bat izan zen: erabaki nuen anorexiari agur esatea elkarrizketa baten bitartez.
Gizarteari zure esperientziaren berri emateko premia sentitzen zenuen, ezta?
Bai. Alde batetik, maila pertsonalean etapa ixteko beharra nuen, eta bestetik, behar sozial bat sentitzen nuen, zeren anorexia oso gai tabua da: normalean, ikertzaileek egiten dute berba gai honen inguruan, baina guk geuk ez dugu hitz egiten, eta nik uste dut beharrezkoa dela arazo oso ohiko eta normalaz ari garelako. Adituek ez ezik anorexia bizi izan dugunok hitza hartzea oso garrantzitsua da.
Tabua dela diozu, baina era berean, barra-barra hitz egin izan da anorexiaz.
Hein batean kontraesan bat da, zeren, azkenean, gai hau egunerokotasunean ikusten dugu, kasu pila bat daude, eta asko hitz egiten da horri buruz, baina soilik morboa sortzen duen aldetik. Gero errealitateari ezikusia egiten zaio. Gaixotasunaren errealitatea da tabua. Jendeak erraz komentatzen du hau edo beste anorexikoa dela, baina gero lana bilatzeko orduan, ikasketak egiteko orduan, bidaiatzeko orduan sortzen diren egoerak tabu bihurtzen dira, eta diskriminatu egiten dugu pertsona.
"Erraza da erantzukizunari ihes egitea, ardura publizitateari egoztea, baina azkenean ardura guk daukagu"
Zer da anorexia zure hitzetan?
Nik uste dut anorexia gauza asko direla. Alde batetik zure espazioa mantentzeko era bat da. Zure bizitzan nahi beste sar daiteke jendea, baina jaten duzun horretan ez, orduan, jendeak zure espazioa hainbeste inbaditu duenean, zure espazioa zaintzeko era bakarra edo bakarrenetako bat izan daiteke elikadura.
Beste alde batetik, errebelatzeko era bat da. Hainbat terapeutaren arabera, adibidez, Kalkutako Teresa anorexikoa zen. Orduan, helburu bat lortu nahi duzunean, batzuetan era desegokian edo zure buruari begiratu gabe egiten duzu, beste erarik ez daukazunean, zure aurka erabiltzen duzun metodo bat da.
Batez ere emakumeei eragiten die anorexiak?
Anorexia dutenen edo izan dutenen ehuneko handiena emakumeak dira, eta ez da kasualitatea, gainera molde jakin batekoak dira gehienak: besteez arduratzen diren emakumeak, baina azken batean beren burua alde batera uzten dutenak. Kate Millettek esan zuen maitasuna izan dela emakumeon opioa, eta horri tiraka, uste dut orokorrean patriarkatua izan dela gure opioa, eta gure drogak izan direla estetika, otzantasuna…
Txikitatik esan digute nolakoak izan behar dugun, barbiak eman dizkigute, besteak zaintzen erakutsi digute, eta gure burua, berriz, alde batera utzi dugu. Anorexiaren harira ezagutu ditudan kide gehienak medikuak, irakasleak, hezitzaileak dira: besteei asko ematen dietenetakoak. Baina zuk ez badiozu zure buruari behar duena ematen, besteei ere ezin diezu eman.
Zer estereotipo dago anorexiaren inguruan?
Anorexia lotu ohi da kapritxo batekin, modeloekin… Jendeak uste du argaltasunari lotutako gaixotasun bat dela, eta askotan ez dauka zerikusirik horrekin. Nik ezagutu ditut kideak bulimia zeukatenak eta 100dik gora kilo pisatzen zutenak, orduan bi gauzak ez daude lotuta: gauza bat da fisikoa eta beste bat da obsesioa edo gaixotasuna.
Orduan, obsesio hori al da muineko arazoa?
Azken batean, egoerei aurre egiteko era bat da. Nik beti esaten dut denok daukagula adikzioren bat, zuk azterketak amaitu eta lehenengo gauza parranda egiten duzu edo beste bat doa makinara jolastera, arazo bat daukanean beste batek negar egiten du… Bada, janariak ere momentuan balio dezake horretarako, igual oso urduri zaude eta txokolate mordoa jaten duzu lasaitzeko, eta eskuetatik joaten bazaizu eta arazo bat daukazun aldiro gauza bera egiten baduzu, bada bulimia eduki dezakezu. Ez da hain ezberdina asko-asko jatea eta ez ezer jatea. Anorexia eta bulimia eskutik doaz, azkenean ildo iguala da. Gauzak gestionatzeko edo zure arazoetan ez pentsatzeko edo mila gauzatarako zure irtenbidea izan daiteke ez jatea, eta gainera horrekin jendeak txalo egiten badizu eta esaten badizu oso guapa zaudela, are gehiago indartzen dizu jarrera hori.
"Gauzak gestionatzeko edo zure arazoetan ez pentsatzeko edo mila gauzatarako irtenbidea izan daiteke ez jatea. Gainera, jendeak txalo egiten badizu eta esaten badizu oso guapa zaudela, are gehiago indartzen dizu jarrera hori"
Sakoneko hainbat arrazoi aipatu ditugu orain arte; zerekin identifikatzen zara zu?
Nik uste dut anorexia badela modu bat norberak nahi duena lortzeko. Nik beti nahi nuen familia perfektua eduki, kuadrilla perfektua, bikote perfektua, eta momentuan balio izan zidan, azkenean lortu bainuen nik nahi nuena. Arazoa da zer gertatzen den hori dena jausten zaizunean. Galtzen hasten zarenean, ikusten duzu inguruak alde egin dizula eta bakarrik zaudela zure buruarekin, eta lortu duzun guztia gal dezakezula egun batetik bestera. Ez da oinarri sendo bat.
Zein izan da zure bidea anorexiarekin? Oker ez banaiz, Bartzelonako zentro batean egon zinen.
Anorexiaren tratamenduak integrala izan behar du, zeren alde batetik landu behar da pisua edo nutrizioa, gero alderdi psikologikoa eta familiarra, lagunak… Dena bat da. Nik hasiera batean hemen hasi nituen tratamenduak, Euskal Herrian: lehenengo Gipuzkoan, gero Bizkaira joan nintzen, ondoren Euskal Herritik kanpo Santanderrera, gero berriro Iruñera… baina hemen ohitura handia dago alde batetik pisua lantzeko eta gero, beste batetik, jarraipen psikologikoa zuk zeure kabuz egiteko. Horrela oso zaila da. Hiru hilabetean hartzen badituzu 20 kilo, ateratzen zaren momentuan argi dago ez duzula hori mantenduko, ez duzulako prozesua landu eta barneratu.
Bartzelonan, berriz, beste metodo bat erabiltzen zuten. Alde batetik familiaren gaia lantzeko tokia zeneukan, yoga egiten zen, gimnasia ez zizuten kentzen (ez zizuten ezer kentzen), eta janariarena apurka-apurka egiten zen. Talde-laguntza ere pila bat erabiltzen zen. Azken batean, dena osotasunean hartzen zen eta, poliki-poliki, denbora pasata, kalera irteten zinen. Prozesu hori ez zen egun batetik bestera egiten.
Argazkia: Dani Blanco.
Han, gainera, antzeko egoeran zegoen jendea ezagutu zenuen. Lagungarria izan al zen?
Bai, konturatzen zara ez zarela arazo hori daukan bakarra. Helburua, hein batean, horixe da, bakarrik ez sentitzea. Kalean jendeak asko epaitzen du ezjakintasunetik, eta zentroan, ordea, jendeak ulertu egiten zaitu. Gero egia da zailena itzultzea dela, zeren igual zu asko aldatu zara, baina jendea ez. Eta hori beste prozesu bat da. Askotan lan gehiago egin behar duzu kanpoan, zentroan bertan baino. Lehia konstante bat da, honi nola erantzungo diot, beste honi nola erantzungo diot… Kalera atera, eta autobusa hartzeko markesinan horra hor Women's Secret-eko neska katxarro baten irudia, eta zuk pentsatzen duzu: "Ni lehen horrela nengoen!". Eta ez, iritsi behar da momentu bat zu joaten zarena markesina horretara eta iragarkiak ez dizuna axola. Eta hori oso zaila da.
EAEn zer baliabide dago halako arazoei aurre egiteko?
Batetik, ACABE izeneko elkartea dago, Anorexiaren eta Bulimiaren Aurkako Euskadiko Elkartea: aholkularitza eta bitartekaritza lanak egiten dituzte. Nutrizionista eta terapeuta dauzkate, baina ezin dizute jarraipen osoa egin, zeren kasu pila bat dauzkate, etengabe iristen zaizkie, eta ezin dizute arreta pertsonalizaturik eskaini. Beraiek esaten dizute zer baliabide dauden, nora jo jakiteko. Ondorengo pausoa: zentro pribatuak edo Osakidetza.
Nik pribatuetan ez dut gauza integralik aurkitu, laguntza puntualak bai, baina gero etxera joan behar duzu eta jan egin behar duzu. Akaso hasieran hartzen bazaituzte, agian lortu dezakezu bideratzea, baina zuloan zaudenean, nik uste dut ia ezinezkoa dela baliabide horiekin ateratzea.
Osakidetzan, berriz, kopuru jakin bat baino gutxiago pisatzen ez baduzu, ekidin egiten dira ingresoak, beraz pisua da irizpidea. Orduan, abiapuntua hori izanik… Ulertzen dut ez dela positiboa izango pertsona bat ingresatzea ez badu pisu oso baxua, baina muga hor jarrita ez duzu dena bere osotasunean hartzen. Agian ez duzu behar 30 kilotan egotea 24 orduko arreta behar izateko, dena ez da pisua. Lehen esan dizudan moduan, ezagutu dut 100 kilotik gora pisatzen duen bat, eta ingresatuta dagoena, zeren ezin zuen lo egin gauean lau tarta jan barik. Pertsona horrek zergatik ez du behar 24 orduko arreta? Hemen ematen zaio berehalako erremedioa fisikoari, eta arlo psikologikoa aparte doa, baina nik uste dut oso zaila dela horrela bideratzea kontua, hasieran batez ere. Edonola ere, ni orain Osakidetzako terapeuta batekin nabil jarraipena egiten, eta oso-oso ondo nago berarekin, askotariko gaiak lantzen ditugu eta orain oso baliagarria zait.
"Askotan esaten dut kontraesanen munduan bizi garela: farmaziara zoaz eta depresioaren aurkako botiken ondoan saltzen dituzte
argaltzeko pilulak"
Diskriminazioa aipatu dugu lehen: inoiz diskriminatu zaituzte anorexia izateagatik?
Honekin ez da gertatzen loditasunarekin gertatzen den gauza bera, ez naute kuadrillan diskriminatu puta flaca deituz, hori ez da ohikoa, are, aurkakoa gertatzen da, txalotu egiten zaituzte. Baina anorexia daukazula edo eduki duzula baldin badakite gauzak aldatu egiten dira.
Kasu nabarmen bat gertatu zitzaidan: irakasle batek ez zidan utzi praktikak egiten. Terapeutekin egin zuen berba eta esan zioten ni ondo nengoela, alta emana zidatela eta praktikak egin nitzakeela lasai asko. Baina irakasleari buruan sartu zitzaion ezetz, eta esan zidan bera pertsonalki arduratuko zela nik praktikarik egin ez nezan. Azkenean, itxaron egin behar izan nuen, eta hurrengo urtean egin.
Zeri buruzko praktikak ziren?
Haurdun zeuden edo 0-3 urte bitarteko haurrak zituzten emakumeekin egin nuen lan, droga-menpekotasun arazoak zituzten emakumeekin.
Irakasle horrek zer pentsatzen zuen, eredu txarra izango zinela?
Bai, edo ez nintzela gai izango. Ni ondo nengoen, orain bezala, beraz ez dakit nondik atera zuen hori, baina halaxe geratu zen kontua.
Irakasle hura salatzeko aukera bururatu al zitzaizun inoiz?
Pentsatu genuen, bai. Bartzelonako zentroa asko haserretu zen eta esan zuten egunkari nagusi batean publikatzeko modukoa zela. Kontua da nire izena atera zitekeela argitara, eta iruditu zitzaigun akaso gure kontra etor zitekeela eta neu nintzela zabalduz gero agian arazoak eduki nitzakeena lana aurkitzeko edo aurrera egiteko. Iruditu zitzaigun ez zela unerik egokiena.
Moda-publizitateari eta super-modeloei egotzi ohi zaie anorexiaren ardura. Gizarteak, eskolak, kuadrillak… ez al dauka erantzukizunik?
Erraza da erantzukizunari ihes egitea, eta guztiaren ardura publizitateari egoztea, baina azkenean ardura guk daukagu. Txikitan, eskolan, oso gaizki ikusita dago pertsona batek gehiago jatea, eta normalean, perfekzio-kanon batean sartzen ez den jendea baztertu ohi da. Presio sozial oso handia dago.
Horretaz gainera, askotan esaten dut kontraesanen munduan bizi garela. Farmaziara zoaz eta depresioaren aurkako botiken ondoan saltzen dituzte argaltzeko pilulak, edo aldizkari bat erosten duzu tarta bat egiteko errezeta baten bila eta aldizkari horretan bertan badago plan bat, "nola argaldu hamar egunean". Edonola ere, publizitateak badu bere eragina, noski, baina guk ez bagenio horri jarraituko, beste begirada bat emango bagenio, gauzak ez lirateke horrela izango. | news |
argia-8807add4a185 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/bel-olid-ezbidearen-kontra.html | "Sortzaileon ardura da mezu normatiboak haustea" | Saioa Baleztena | 2018-02-11 00:00:00 | "Sortzaileon ardura da mezu normatiboak haustea"
Itzultzailea, idazlea eta parekidetasunaren aldeko borrokaren ikur da Bel Olid (1977, Mataró, Herrialde Katalanak). Hamar liburutik gora publikatu ditu eta 2015az geroztik Hizkuntza Katalanaren Idazleen Elkarteko presidentea da. 2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetan CUPeko zerrendetan aurkeztu zen.
Noiz eta nola piztu zitzaizun literaturarekiko interesa?
Irakurtzen ikasi nuenean. Den-dena irakurtzeko obsesio moduko bat sartu zitzaidan gorputzean; eta dena ez da liburuak bakarrik, baizik eta, kaleko kartelak, eta ikusten nituen letra oro. Libururik gabeko familia batean jaio nintzen, beraz, etxean genituen liburuak nireak ziren; kulturaz hitz egiten genuen baina literaturaz sekula ez.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Eskolan eta institutuan ezagututakoak, gehien bat, eta handitzen joan nintzen heinean, neronek bilatzen nituen erreferenteak. Lehen hamabost urteetan modu desordenatuan irakurri nuen. Orain aldiz, interesatzen zaidana irakurtzen dut bakarrik.
Katalanaren Idazleen Elkarteko presidentzia kexuka ibili izanagatik eskaini omen zizuten. Zergatik?
Tira, betidanik kexatu izan naiz gustuko ez ditudan gauzak salatzeko. Beraz, ulergarria da ikuspuntu bera defendatzen dutenen bozeramaile funtzioa eskuratzea. Hala ere, egia da kexak begi txarrez ikusten direla gaur egun, batez ere emakumezkoa bazara, irribarre egin eta isiltzera kondenatuta baitzaude.
2010ean Documenta saria irabazi zenuen Una terra solitària lanagatik. Nola eragin zuen horrek zure ibilbidean?
Oso garrantzitsua izan zen! Itzultzaile gisa lan mordoa egina nuen ordurako, baina nik ez nuen hartu-emanik argitaletxeekin. Eskuizkribu bat bidaltzen banuen ez zuen inork irakurtzen. Beraz, niretzat lan bat publikatzea oso zaila zen ez bazen sari baten bitartez. Documenta sariak lanak argitaratzeko ateak zabaldu zizkidan eta, bi urte geroago, Roc Boronat sariari esker publikatu nuen nire bigarren liburua, La mala reputació. Hirugarren lana publikatzeko ez dut saririk behar izan [barreak].
Zein da zure ustez emakumezkoen lanari kulturak aitortzen dion tokia?
Hainbat indizek erakusten dute kultura kontsumitzaileen artean gehiago garela emakumezkoak. Berdina gertatzen da arte forma ez ezagutuen artean. Aldiz, ezagupena duten arte formetara jauzi egindakoan emakumezkoak desagertzen gara. Beste modu batera esanda, emakumeok gai gara egunero etxean sukaldean aritzeko, baina bost izarreko chefa izan nahi duenak gizonezkoa izan behar du. Tira, batetik jakina da emakumeok dugula zaintzarekin lotuta dauden jardunen ardura, eta beraz, ordu horietan guztietan kreatibitaterako tarterik gabe gelditzen gara. Baina bestalde, erabat maskulinizatutako kanonak nagusi dira gurean.
Zenbateraino hobetu da egoera?
Egoera hobetu da baina martxa desberdinetan goaz. Legoa adibide bikaina da. Ni txikia nintzenean Legoa lauki karratuak ziren bakarrik. Gerora giza-figuretan bilakatu zuten, kolore guztietakoak, mutil edo neskentzat. Baina urteak pasa dira eta atzeraka goaz: mutilak eta neskak bereizi bakarrik ez, emakumezkoentzako Legoak arrosa kolorekoak dira orain eta, normalean, zainketarako lanei lotutakoak. Egia da ni hobeto nagoela nire amarekin alderatuta, eta aldi berean, bera hobe zegoela nire amona baino. Objektiboki gertuago gaude berdintasunetik, baina borroka luzea izango da.
Zure azken obren artean dago Alana i Alada, maitasun erromantikoaren kontrako haurrentzako liburua. Zein izan da zure helburua?
Tira, nik ez nuen honen inguruan idatzi nahi, baina atera zitzaidan. Hein batean, interesa dut urte askotan miatu diren ereduetatik haratago iristeko, eta baita ere, haur eta gazteei erakusteko komunikabideek, musikaren industriak, zinemagintzak eta gizarteak orohar errepikatzen dituzten harreman motetatik haratago errealitate zabala dagoela. Gaur egun otzantasunari lotutako ideiak indartzen ditu sistemak, behin eta berriz, han-hemendik datozen narratiba guztien bitartez. Liburu honekin azpimarratu nahi izan dut edozein harremanetan bestearen askatasuna errespetatzeko garrantzia. Sortzaileon ardura da mezu normatiboak haustea.
CUPeko zerrendetan zinen A21ean. Kataluniako Parlamentuan sekula baino emakume gehiago dauden arren, Legebiltzarreko Mahaian bakarra dago.
2015ean Parlamentuak aho batez onartu zuen Berdintasunaren Legea hausten du. Lotsagarria da berdintasunaren alde bozkatu zuten alderdi politikoek beren hitza ez betetzea, eta ondorioz, zigortu beharko litzateke. Ez dago besterik. Legeak esaten badu emakumezkoen eta gizonezkoen errepresentazioak parekidea izan behar duela, legea bete beharra dago. Eta ez bada lehen botazioan ateratzen, parekidea izan arte bozkatuko dugu. Funtsean, agerian gelditzen da alderdi politikoek dituzten marra gorrien artean ez dagoela berdintasunarena eta beraz, gizon eta emakumeon arteko berdintasuna hautazkoa da. | news |
argia-1a0e1bc6a2b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/horrela-ezin.html | Horrela ezin | Estitxu Garai Artetxe | 2018-02-11 00:00:00 | Horrela ezin
Hitzen trabeskatzeak ez du mugarik. Azken boladan, trabeskatuen artean trabestsuena: inposizioa. Eta erabiltzen azkena Podemos-Ahal Duguko idazkari Lander Martinez. Hona botatako harribitxia: "Ez dugu erabakitzeko eskubidea inposatzeko bloke bat osatuko". To eta no. Gehiengoaren nahia utikan. Eskubideak komun-zulotik Demokrazia eta ordezkaritza sistema bera hankaz gora jarriko luke bere irizpideak. Inposizioaren diskurtso hori ezaguna zaigu. Espainiako eskuma atzerakoienak darabilen argudiaketa gaiztotua eta hizkera pozoitua bera da. Kataluniari buruz behin eta berriro entzuten dugun hori berori: hauteskundeak irabazita aurrera eramaten den proiektua inposizioa eta proiektu totalitarioa ei da; gainerako gutxiengoak defendatzen duena, ordea, bizikidetza orekatua. Harrapazank!
Zerk egiten du, bada, eskubide bat eskubide? Gauzatzeko aukera bermatuta izateak. Bestela aldarrikapen hutsari buruz ariko ginateke, ez eskubideaz. Ez da EAEko alderdi moreko ordezkariak eskubideen gauzatzeari mugak jartzen dizkion lehen aldia. Gogoan iltzatuta ditut joan den urteko urtarrileko manifestazioaren harira Martinezek esandakoak: presoak euskal herriratzeko baldintza gisa jarri zuen eragindako minaren aitortza. Eskubide baten urratzeak beste bat estaliko balu bezala. Lotsagorritzeko modukoa izan zen Madrildik Iñigo Errejonek askoz zentzu gehiagorekin irmoki esatea ez dagoela aitzakiarik oinarrizko eskubideak ez defendatzeko, eta, hartara, manifestazioarekin bat egiten zuela. Aurten ere, beste horrenbeste gertatu da, Martinezek ordezkatzen duen Ahal Duguko sektoreak "aitzakia" berbera jarri du deialdiarekin erakunde gisa bat ez egiteko (Errejonek erabilitako hitz bera erabiltze aldera).
Podemos inguruko zenbait lagunek ikuskera zurruna izateko motiboa sobera ezaguna da: nazionalismo espainiarraren sukarrak jota egotea. Hori bai dela nazionalismoa eta ez Espainiako Estatuan nazionalista izendatutako independentismoarena. Ezkerreko abertzaletasunari egiten dizkieten kritika guztiak banan-banan betetzen dituzte
Dena esateko, aipagarria da jarrera guztiz bestelakoa dutela Maria Valiente eta Neskutz Rodriguez alderdikideek, idazkari nagusi izateko Lander Martinezekin lehiatu ziren bi emakumeek, alegia. Manifestazioarekin baldintzarik gabe bat egitearen aldekoak ziren Ahal Duguren barneko "Denontzat Para Todas " eta "Zurekin" joeretako kideak. Horrek erakusten du Ahal Duguren jarrera bestelakoa izan zitekeela, Martinezek bere hautagaitza "inposatu" ez balu (ironia suma bedi lerro artean). Proiektu politiko guztietan dute pisua gidatzen duten pertsonek, baina gai askotan indefinizioa tresna gisa erabiltzen duen alderdi baten kasuan are gehiago. Nafarroan ere urak nahasi datoz, eta ikusteko dago pertsona aldaketak proiektuan zein eragina izango duen.
Podemos inguruko zenbait lagunek ikuskera zurrun hori izateko motiboa, alta, sobera ezaguna da: nazionalismo espainiarraren sukarrak jota egotea. Hori bai dela nazionalismoa eta ez Espainiako Estatuan nazionalista izendatutako independentismoarena. Ezkerreko abertzaletasunari egiten dizkieten kritika guztiak banan-banan betetzen dituzte. Besteak beste, pertenentzia sentimenduak itsututa ezkerreko printzipioak alboratzea. Badirudi bai bertako Podemosi nola Katalunian en Comunen inguruko sektoreari kosta egiten zaiela onartzea eurek ere nazionalistak direla, espainiar nazionalistak, alegia. Bestela nekez uler daitezke jarrera asko. Eta kontuz, ez nago ni talde-izaera identitarioaren aurka, ezta gutxiago ere. Halere, Katalunian gertatu den bezalaxe, independentismoa eta nazionalismoa bereizteak kalte baino askoz mesede gehiago egingo lioke hemengo mugimendu independentistari ere, indefiniziora jokatzea zailtzen baitu. Gaur egun, askotan, kategoria sinpleetara mugatzen da gure ikuspegi politikoa, eta horregatik du hitzak zorroztu eta fintzeak horrenbesteko garrantzia norbere ikuskera "inposatzeko". | news |
argia-43ebdd67afa0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/otsokop.html | Tokiko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zubiak | Garazi Zabaleta | 2018-02-11 00:00:00 | Tokiko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zubiak
Elkarlanean eta ingurumena errespetatzen duten produktuak eskuragarriago jarriz. Horrela ari dira lanean Otsokop elkarteko kideak. 2015ean sortu zuten hiru lagunek elkartea Angelun, eta denbora horretan jende berri asko batu zaie proiektura. "Gizarte lotura bultzatuko duen toki atsegina sortzea, bertako ekonomiaren alde eginez eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko merkaturatze bide laburren bidez". Hori da asmoa, elkarteko webgunearen aurkezpenean azaltzen dutenez.
Internetetik saltokira jauzi
Hasieran, elkarteak internetez egiten zuen tokiko produktuen eskaintza, eta bazkide bakoitzak bere erosketen zerrenda egin eta gero banaketa egunean produktuen bila joan behar zuen. 2016an, berriz, jauzi garrantzitsua eman zuen elkarteak: saltokia irekitzea. "Sentitzen genuen urratsa eman beharra genuela", azaldu zuen Josiane Libiar elkarteko kideak Kanaldudek egindako elkarrizketan.
Baionan dute Otsolab denda, San Izpiritu auzoan, eta asteazken eta larunbatetan irekitzen dute. "Kanpaina egin genuen eta 12.000 euro lortu genituen saltokirako beharrezko materialak eskuratzeko", dio Libiarek. Denda irekitzearekin batera, Otsokopek 100 bazkidetik 400 bazkiderako jauzia ere eman zuen. Kide guztiek hartzen dute parte elkartearen erabakietan, eta hilero hiru ordu eskaini behar dizkiote Otsokopen funtzionamenduari: saltokian, eskariak egiten… Bitartekaririk ez egoteak ekoizleak duinki ordaintzeko, eta aldi berean, produktuak prezio apalean eskaintzeko aukera ematen die.
Proiektu zabalago baten hasiera
Otsokop proiektua egun jada martxan duten dendatik harago doa: supermerkatu txiki bat irekitzea da beraien helburua, eta horretarako elkarteari kooperatiba forma ematea erabaki dute biltzar nagusian. Egun nagusi den multinazionalen hipermerkatu ereduaren aurrean, lekuko ekoizpenak eta elikagai ekologikoak eskainiko dituen alternatiba izan nahi du proiektuak, eta horretarako ari dira lanean.
Badoaz ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko bideak laburtzen dituzten guneak eta proiektuak sortzen. Kalitatezko elikagaiak eskainiz, eta modu kooperatibo eta parte hartzailean lan eginez. | news |
argia-a483b31ee1eb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/altxorra-etxe-atzeko-patioan.html | Altxorra etxe atzeko patioan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-02-11 00:00:00 | Altxorra etxe atzeko patioan
Etxeko lorategian zulo bat egin eta altxor arkeologiko bat topatzea tarteka betetzen den topikoa da. Abdelkarim al-Kafarna gazte palestinarrak zulorik egin beharrik ere ez zuen izan.
Bait Hanun-eko bere etxeko atzeko patioan, astebetez euria gogotik bota ondoren, ur guztia nora zihoan galdetu zion bere buruari. Harlauza bat altxa zuen eta eskailera batzuk topatu zituen, eta eskaileraren amaieran, bederatzi hilobi, lau metro inguruko sakoneran. Datazio zehatzagoaren zain, hilobiak erromatarrak dira, kristautasunaren hasierakoak eta, beraz, 2.000 urte inguru dituzte. Giza hezurrez gain, botozko lanparak eta zeramikazko pieza batzuk ere aurkitu dituzte Abdelkarimen patioan. | news |
argia-3c46276d6591 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/belarri-finetik-soinu-oneko-joarea.html | Belarri finetik soinu oneko joarea | I�aki Sanz-Azkue | 2018-02-11 00:00:00 | Belarri finetik soinu oneko joarea
"Pertsonak zapata bezala, joare bakoitzak behar du bere neurria, bere soinua" esan digute Apezetxeatarrek. Izan ere, abila behar du joaregileak; jakin behar du mailua hartu eta kolpe zehatzak ematen: non eta nola jo asmatzen. Kolpe horiek emango baitiote forma joareari, eta formak, soinua.
Esku artean duenari zein soinu dagokion jakitea da joaregilearen lana. Eta belarriak erabakiko du eskuek egindakoa egokia den ala ez; berak gidatuko ditu eskuak joarea ondo egitera; joarea belarriarekin egiten baita. Apezetxeatarrenean aitonak hasitakoa bilobak darama orain. Maite dute euren ofizioa; nola gainera! Artzainak, beraz, lasai egon daitezke. Goizuetako joaregileak belarria galduta ere, bihotzarekin egingo bailituzkete joareak.
Aitona Bixente Apezetxea (Leitza, Ibero baserria, 1882) izan zen familian aurrena joareak egiten. Zentralean lanean ari zela, "karoia" gastatua zuen joare bat ekarri omen zieten, eta zentraleko arduraduna mekanikoa izanik, berak konponduko zuela esan omen zion Bixenteri. "Eta egin zion karoi berria, baina joareak soinua galdu! 'Orain non da soinua?' galdetu omen zion Bixentek enkargatuari", esan digu Joxe Antonio Apezetxeak (Goizueta, 1928), Bixenteren semeak. Bixente artzaina zen, eta bazekien zer soinu zegokion ekarri zieten joareari. "Enkargatuak konpondu, baina gure aitak paratu omen zion berriz soinua joareari. Horrela hasi zen joaregile lanetan!".
Aitona Bixenteren garaian 200 arditik gora omen ziren baserriero. Eta bertan, Goizueta inguruan saltzen zuten joarea. "Gero akitu ziren ardiak eta artzainak, eta kotxerik ez aitak kanpoan saltzeko, eta utzi zuten. Orduan hasi ginen anaia eta biok" esan digu Joxe Antoniok. "Aitak lana zaila zela esaten zigun, baina bera etxean ez zen batean anaiak eta biok joare bana egin genuen. Bageneukan soinua hartua belarrietan eta! Aita harrituta geratu zen, eta hala hasi ginen 1947an, bere kontseiluak segituz. Beste anaiak utzi, baina anai gaztea, Juan, hasi zen gero, eta orain horren semeak egiten ditu joareak Lekunberrin".
Joxe Antonio, aita, Jexux Mari (Goizueta, 1964) semearen tailerrean izaten da sarri. Jexux Mari da joaregilea orain, eta berak darama ardura.
Inportantea soinua baita
Jexux Mari Apezetxea: "Ez da gauza bera 0,8 milimetroko txapa edo 1ekoa. Jendeak ez du ulertzen bi milimetro nahikoa dela joareari soinua aldatzeko"
Joxe Antoniok gogoan ditu hasierak: "Joareak egiteko latoia ezin bilatu ibili nintzen, eta azkenean Bilbon aurkitu nuen". Joarea egiteko neurri jakineko txapa behar baita. Jexux Mari semeak azaldu digu: "Joarea ez da, hartu eta egin. Ze luzera, ze zabalera eta ze txapa lodiko den… gauza asko ikusi behar dira. Txorakeria dirudi, baina ez da gauza bera 0,8 milimetroko txapa edo 1ekoa. Jendeak ez du ulertzen bi milimetro nahikoa dela joareari soinua aldatzeko".
Joxe Antonio eta Jexux Mari zorrotzak dira soinuarekin. "Bada jendea joarea nondik heldu ere ez dakiena. Horientzako igual-igual da soinua. Baina artzaina bada igarriko dio, eta guk behar duen soinua jarri behar diogu joareari" esan digu Joxe Antoniok. "Eta soinua entenditu egin behar zaio joareari; joare bakoitzak bere sekretua baitu".
Joare soinuaren sekretua
Artzainak aziendari jartzen dio joarea, non dabilen jakiteko. Eta artzainak jakiten du normalean zer nahi duen. "Batzuek soinu fineko joarea nahi izaten dute, kanpai txikiaren tipora, dinnn egiten duena. Beste batzuek, ordea, lodia, urrutira hobeto entzuten baita. Motelak ere deitzen diegu beste batzuei; horiek soinurik gabe geratu diren joareak dira".
Musikariak instrumentua afinatzen duen moduan, joareari ere dagokion soinua jartzen ibiltzen dira joaregileak. Mailuarekin joka
"Badira artzainak etorri eta soinu bereko 30 joare eskatzen dizkigutenak. Nik 30 berdin ateratzeko 100 egin behar izaten ditut askotan" esan digu Jexux Marik. "Izan ere, joarea labetik atera ostean, zein soinu duen ikusi behar izaten da, eta gero nahi den soinua paratu behar zaio. Joareari soinua joka moldatu behar zaio, joka ekarri mailuarekin". Musikariak instrumentua afinatzen duen moduan, joareari ere dagokion soinua jartzen ibiltzen dira joaregileak.
Askotan soinua artzainaren kapritxora egin behar izaten omen dute. Artzainak ardiak dituen lekuaren arabera, edo duen ohituraren arabera, askotan, joare soinu jakin bat nahi izaten du. Urumea bailara, esaterako, oso malkarra da, basoz, iratzez eta sasiz betea. Gune horietan sasi-ardiak dira nagusi, eta horrenbeste landaredi artean zailak izaten dira ikusten. Hau dela eta, inguruotan soinu ezberdineko joareak nahi izaten dituzte artzainek, ardi bakoitza soinuagatik ezagutzeko. "Artzainak ardia joare gabe badu, pauso asko alferrik eman behar ditu" esan digu Joxe Antoniok irribarrez.
Bi soinukoak eta soinu bakarrekoak
Jexux Mariren arabera, artzainak ardi bakoitza bere soinuagatik ezagutzea posible da: "Joare bakoitzak soinu diferentea du, izan tamainagatik edota batzuetan, tamaina beraren barruan ere soinu finagoak edo lodiagoak izaten direlako".
Badira mingainak txapa jotzean bi soinu ateratzen dituzten joareak. Estimatuak dira oso, errazagoak baitira entzuteko, eta beraz, sasi-ardientzako aproposak
Badira joareak mingainak txapa jotzean bi soinu ateratzen dituztenak ere. Horiei bi soinuko joareak deitzen diete. Urumea bailaran esaterako estimatuak dira oso, mota horietako joareak errazagoak baitira entzuteko, eta beraz, sasi-ardientzako aproposak. Soinu batekoak, artaldean ibiltzen diren ardiak dituzten artzainek nahi izaten dituzte maizago.
Ba omen dira ardiari joarerik jarri nahi ez dioten artzainak ere. Joxe Antoniori behin artzain batek esan omen zion: "Joareak ez dik ardia egiten", eta Joxe Antoniok erantzun: "Gizonik ez duk gorbatarekin egiten baina makina batek erabiltzen ditek!". Zer erantzun jakin gabe alde egin omen zuen artzainak…
Joareak buztinaz estalita, labera sartzeko prest. Argazkia: Dani Blanco.
Joxe Antonioren belarri finak
Joxe Antonio Apezetxeak soinuaren arabera ezagutzen ditu joareak, eta 100dik gora modelo daude!
Joaregilea ez ezik, artzaina ere izandakoa da Joxe Antonio, eta Jexux Mariren arabera, bere aitaren belarria bezalakorik ez omen du ezagutu. "Aitak soinuaren arabera ezagutzen ditu joareak, eta kontuan izan joareen barruan mota askotakoak daudela: zintzarria, kalaxka, borobila, dunba… 100dik gora modelo daude!
Behin Eibartik telefonoz deitu omen zion gizon batek Joxe Antoniori. 50 joare borobil behar zituela esan omen zion; hark etxean zuen joare bat bezalakoak denak. Joarea erakusteko Goizuetara joan eta buelta egitea, ordea, gehiegi zela, eta ea nola egin zezakeen galdetuta, Joxe Antoniok zera esan zion: "Jarri joarea telefonoan eta astindu". Entzun orduko, Joxe Antoniok "hori hiruko borobila duk" bota omen zion. Egun batzuetara gizona Goizuetara joare bila etorri zenean, barrez esan omen zion "hik telefonoz asmatu duk ba!". Soinu eta neurri jakineko joareak nahi zituen, eta Joxe Antoniok biak asmatu zizkion telefonoz, belarriarekin. 50 ordez, 60 eraman omen zituen.
Semeak miresmenez hitz egiten du aitagatik. Kontatzen digu aita etxeko terrazan jarri, eta mendian beste maldan zeuden ardien joare motak eta neurriak igartzen zituela. "'Hori dunba 3' esaten zuen, eta asmatu! Kontuan izan dunba 3 eta 4aren artean zentimetro bakarreko aldea dagoela tamainan, eta berak belarriarekin asmatzen zuen. Orain entzumena galdu du adinarekin baina".
Belarri fina izateaz gain, ordea, entrenamendua ere bazuen Joxe Antoniok, eta irribarrez kontatu digu: "10etako mezetan elizan ginenean, artalde famatuak baziren Goizuetako plazatik pasatzen zirenak joareekin soinu ederra eginez. Elizan adi izaten nintzen, artaldeak noiz pasako, ze artzain izango zen joare haiekin…".
Joare bereziak eta gustukoenak
Aita-semeak ez dira guztiz ados jartzen joare kuttunena aukeratzerakoan. Biei "Dunba" edo "Pulunpa" izenekoa gustatzen zaie, 7-8 tamainakoa. "Ardi ederra bada, joare horrekin artzaina ere gustura joaten da!". Baina aitak soinu lodiagoak ditu gustuko, eta semeak finagoak.
Soinu oso finekoen artean dago "txintxa" edo "behi-joarea". "Diotenez erbinudeak errapetik hozkatzen omen du behia, baina txintxak oso soinu fina duenez, hori jarriz gero erbinudeari min eman, eta ez omen da behira gerturatzen" kontatu digute.
Badira gutxi egin behar izan dituzten joareak; berezien artean "zerri-joarea", esaterako. Lehen asko izaten omen zen zerria Goizuetan, eta askotan mendian libre, gainera. Garai hartan, belarrian jartzen zitzaien zerri-joarea: "Zerria ezkurrean denbora guztian mugitzen aritzen da, eta zerri-joarea ez da isiltzen. Horregatik, berritsu samarrak direnei 'zerri-joarea bezalakoa haiz!' esaten zaio".
Joaldunentzako ere egin izan dituzte. Aspaldian ez, ordea, joare txikietan baitaude espezializatuak. Azkenak duela 30 urte inguru egin zituzten, eta bat badute oraindik etxean, mimoz gordetzen dutena. Joaldunen artean oraindik beraiek egindakoren bat egongo dela pentsatzen dute, zainduta ondo kontserbatzen baitira.
Joxe Antonio Azpezetxea 80ko hamarkadan joarea labean sartuta. Argazkia: Apezetxeatarrek utzia.
Etorkizunaz hitz egitean amaitzen da soinua…
Galdetu diegu etorkizunaz, baina ez dute erantzuten jakin. Jexux Marik dio lana badagoela. Momentu askotan ezin iritsi izaten omen da. Huescatik, Frantziatik eta Europako beste herrialde askotatik iristen zaizkio eskaerak gehien bat. Ferian ere asko saltzen omen da bere joarea. "Joaregile gutxi gaude, eta nik gainera txapa lodiarekin egiten dudanez, gero eta eskaera gehiago ditut". Baina ez daki zein izango den etorkizuna. Hiru belaunaldiren ostean, ordenagailuek hartu omen dute eskulanen lekua, eta gazteak erakartzea zaila omen da. Euren lantokian, ordea, izaten omen dira ingurukoak laguntzen, beraz, etorkizunak esango du aitonak hasi zuen soinuak zenbaterako oihartzuna izango duen Apezetxeatarren etxean.
JOAREA URRATSEZ URRATS
1.-Txapa moztu, egin nahi den joareari dagokion tamainan.
2.-Kolpeka, txapari joarearen forma eman. Kontuz ibili beharra dago, gehiegi bildu edo behar baino estuago egiten bada, soinua aldatzen da.
3.-Belarriak atera eta karoia jarri.
4.-Behin forma emanda, latoia jarri. Joare bakoitzak, dagokion latoi gramo kopurua du. Ondoren paperean bildu eta buztina jarri, lastoarekin nahastuta.
5.-Labera sartu 1.340 gradu inguruan, beti ere tamainaren arabera.
6.-Labetik ateratzean buztina kendu, lehortu, eta leundu.
7.-Ondoren, zein soinu duen ikusi, eta soinua jarri, afinatu.
8.-Mingaina erantsi larruarekin, barrengoan sartuta.
9.-Uztaia gehitu. | news |
argia-74b28aeda04f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/preso-ohi-baten-amari-mozal-legea-aplikatu-diote-semearen-bila-espetxera-joateagatik.html | Preso ohi baten amari 'Mozal legea' aplikatu diote semearen bila espetxera joateagatik | ARGIA | 2018-02-01 00:00:00 | Preso ohi baten amari 'Mozal legea' aplikatu diote semearen bila espetxera joateagatik
Mari Paz Casanova Mozal Legea erabiliz zigortu dute abuztuaren 24an Egoi Alberdi semea espetxetik irten behar zen egunean atarian haren zain egoteagatik eta "komunikatu gabeko kontzentrazioa" egotzita.
Egun horretan Madrilgo Navalcarnero espetxeko atarian zegoen zain beste hainbat pertsonekin, semea libre noiz geratuko, eta poliziak identifikatzeko eskatu zion. ARGIAk jakin ahal izan duenez, Casanovak erantzun zion ez zela inongo kontzentrazioa eta semea askatzen zuten unean joan egingo zirela. Hala, Egoi Alberdi askatu zuten unean, Donostiara itzuli ziren.
Hilabete batzuk geroago gutuna iritsi zaio Concepción Dancausa Madrilgo Erkidegoko Espainiako Gobernuko Ordezkariaren izenean, esanez "behar bezala komunikaturik ez zegoen kontzentrazio bat" egin zela Navalcarneron eta bera identifikatu zela poliziaren aurrean hango arduradun.
Gutunak dioenez, aipatutako "gertaerak" administrazio arau hauste "arina" dira eta 100 euroko isuna jarri diote preso-ohiaren amari.
Egoi Alberdi semea Donostiako herri harresiak inguraturik atxilotu zuten, Segiko kide izan zela egotzita. Torturatu egin zutela salatu arren, sei urtetik gora egin ditu espetxean. Azken lau urteak Navalcarneron. Bere bisitan joan direnek 976 kilometro egin behar izan dituzte joan etorrian. | news |
argia-5d737539aabb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/oscar-escuder-plataforma-per-la-llengua-ko-lehendakaria.html | "Espainia ez da aldatuko eta katalan hiztunok anomalia izateari utzi nahi diogu" | Onintza Irureta Azkune | 2018-02-11 00:00:00 | "Espainia ez da aldatuko eta katalan hiztunok anomalia izateari utzi nahi diogu"
Plataforma per la Llengua elkarteak mende laurdena betea du.14.000 bazkide ditu eta katalan hiztunen eskubideak babestea du helburu. Ez dira hamar urte elkartea estatu propioa eskatzen hasi zela. Oso sinple azaldu digu zergatia Oscar Escuder elkarteko lehendakariak: Espainiako Estatuko legeen arabera, katalan hiztunak errespetatu beharko lirateke. Praktikan hala ez denez, hiztunen eskubideak babestuko dituen estatua sortzea proposatzen dute.
Katalana babesteko estatu propioaren aldeko jarrera hartu duzue. Ez duzue beti horrela jokatu. Noiz eta zergatik aldatu zenuten aritzeko modua?
Ez dut data zehatza buruan, 8-9 urte izango dira erabakia hartu genuela. Esan dezagun 16 bat urtez ez garela izan argi eta garbi independentistak. Zergatik? Bada, oso erraza da. Teorian, hizkuntzak erabateko onarpena izan dezan, Europako hizkuntza izan dadin, katalan hiztunok eskubide guztiak izan ditzagun, ez genuke behar estatu independentea. Hainbat estatutan, Kanadan, Belgikan, Finlandian, gu baino askoz gutxiago dira hizkuntza gutxiagotua hitz egiten dutenak eta haien hizkuntza eskubideak onartuak dira.
Adibide bat jarriko dizut: Kanadako edozein tokitan eskatu dezakezu frantsesez epaitzea eta frantsesez epaituko zaituzte, ez da ezer gertatzen, inork ez du pentsatzen Kanada puskatuko denik edo antzekorik. Hemen katalanez epaitzea eskatu, eta esate baterako, epaileak abokatua irain dezake.
Espainiako Estatuak uko egin dio gure estatua ere izateari. Teorian beharrik ez badago ere, praktikan egunez egun ari zaigu erakusten katalana ez duela hizkuntza normal egingo, ez duela bidea egingo katalan hiztunek espainieraz hitz egiten dutenen eskubide berak izateko. Herritar normalak izan nahi dugunez, alde egongo den estatua nahi dugu, ez aurkakoa. Kanada, Belgika eta abar aipatu ditut. Estatu horiek modu arduratsuan, demokratikoan, bidezkoan, lantzen dituzte haien hizkuntzak. Beste estatu batzuek haien hizkuntza aniztasuna aberastasun gisa eta babesteko zerbait bezala ulertu beharrean, enbarazutzat hartzen gaituzte. Espainiako eta Frantziako estatuak dira horrelakoak. Espainia ez da aldatuko eta guk anomalia izateari utzi nahi diogu.
"Ni euskalduna banintz independentista izango nintzateke"
Legebiltzarreko hauteskundeetara begira oso kanpaina zehatza eta zuzena egin zenuten, 155. artikulua tartean zela: La llengua no es toca . Ohikoa da zuen erakundeak halako kanpainak egitea?
Ez da ohikoa, egoera ez delako arrunta. Ez gaude amore emateko edo ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzeko prest. Hauteskunde bakoitzean alderdi politikoekin harremanetan jarri gara eta hurrengo legegintzaldian gure ustez lortu beharreko helburu linguistikoak eskatu dizkiegu. Guk lobby linguistiko lana egiten dugu alderdi politikoekin, talde parlamentarioekin eta gobernuekin.
Urriaren 1eko erreferendumerako kanpaina egin genuen. Sí -aren aldeko botoa eskatu genuen eta leloa Un estat a favor izan zen. Ez da ohikoa, ez, baina erreferenduma izan dugu, 155. artikulua ezarri digute, eta berriz gertatzen bada, antzeko zerbait egingo dugula iruditzen zait. Zergatik jokatu dugun horrela? Hizkuntza erakundea gara eta hizkuntza dugu jomuga.
Euskararen alde ari diren elkarte eta erakundeei aholkatuko zenieke zuek bezala estatu independente baten aldeko jarrera garbia izatea?
Nahiko lan badugu gurearekin, besteei zer egin behar duten esateko. Zerbait esatearren, ni euskalduna banintz independentista izango nintzateke.
"Estatu propioaren alde egin dugunetik bost-hamar bazkidek
utzi dute elkartea.
14.000 bazkide ditugu"
Estatu independentearen alde egiteak ondoriorik izan du erakundeko jarraitzaileen artean?
14.000 bazkide ditugu, hainbat langile eta boluntarioak. Urte hauetan kexa batzuk izan ditugu, ez ditut zenbatuta, lau, bost edo hamar bazkidek utziko zuten elkartea, oso gutxik.
Beraz, elkartean ez dago bazkiderik uste duenik ez dela derrigorra estatu indepedente bat izatea hizkuntza normalizatzeko.
Beste gauza bat da alderdi politikoetan eta gizartean orokorrean, baina gure elkartean erreakzioa nolakoa izan den esan dizut.
Argazkia: Jordi Borràs.
Zer egin daiteke hizkuntzaren alde bai baina independetziaren beharrik sentitzen ez duten horiek katalanaren normalizazioaren borrokan mantentzeko?
Batzuek bazkide izateari utzi diote, baina horrek ez du esan nahi guk horientzat ere lanik egiten ez dugunik. Guk denentzat egiten dugu lan. Boto emaileen mailan jarriko naiz. Alderdien programa politikoen arabera, jakina, independetziaren alde egin duten hiru alderdiekin ados gaude, baina horiez gain hor dago En Comú Podem zeinak eskola eta hizkuntzaren normalizazioa babesten duen, baita PSCk ere, nahiz eta gauza askotan politikoki desberdintasunak ditugun, beti babestu du eskolako murgiltze sistema. Hemen bizi den eta hemen gertatzen dena ezagutzen duen ia inork ez dizu esango gatazka linguistikoa dagoenik. Beste biekin [PP eta Ciudadanos] zailagoa da. Aurrekoan Ines Arrimadasi elkarrizketa egin zioten TV3n eta eskolaz ari zirela ondokoa esan zuen: "Guk hiru eleko eskola defendatzen dugu, espainiera, katalana eta ingelesa irakasten dituena". Oraingo eskola ereduaz kexatzen dira, baina ez dira kexatzen katalana desabantaila garbian dagoen beste arloez. PP eta Ciudadanosekin gauza gutxi daukagu egiteko.
Errepublika berriak nolako hizkuntza antolaketa izango luke? Hizkuntza bakoitzaren estatusa zein litzateke?
Garbi daukagu katalana eta aranera Kataluniako berezko hizkuntzak direla, bakoitza bere lurraldean, zeren garbi dago katalana ez dela Araneko berezko hizkuntza. Beste ehuneko garrantzitsu baten berezko hizkuntza espainiera da. Eta hemen bizi den %10aren hizkuntza ez da ez aranera, ez katalana ezta espainiera ere.
Guk ez dugu nahi guri gertatu zaiguna inori gertatzerik hizkuntzagatik, baina garbi daukagu baita ere katalanak hizkuntza normala eta ofiziala izan beharko lukeela, arrunta erabileran, erakunde publikoetan, harreman komertzialetan… Dena dela, denbora faktorea kontuan hartu behar da. Errepublika aldarrikatzen den egunean, gauzak ez dira aldatuko gaurtik biharrera, atzo katalana zekienak gaur ere badaki eta ez zekienak segituko du jakin gabe. Katalanez etiketatu gabeko produktuek etiketatu gabe jarraituko dute. Ez dugu inor botako lanetik katalana ez jakiteagatik, baina baliabideak jarri beharko dira ez dakienak ikas dezan. Kontua ez da apartheid linguistikoa egitea, ezta gutxiagorik ere, halakoak leporatu badizkigute ere.
Espainiako Estatuan izan behar zuena eta izan ez dena errepulika katalanean izatea nahi dugu.
Hizkuntza ofizialak katalana eta aranera izango liratekeen errepublikan: "Kontua ez da apartheid linguistikoa egitea, ezta gutxiagorik ere, halakoak leporatu badizkigute ere"
Ez duzu borobildu hizkuntza ofizialen gaia.
Gure proposamena katalana eta aranera hizkuntza ofizialak izatea da, baina kontuan hartuta ez dugula inor etxetik botako, ni bezain katalanak dira. Atzerritarren %10 horri buruz, nahiz eta ez den gure lana izango, oso garrantzitsua da, ahal den neurrian, bereziki beste ama hizkuntza batzuk dituzten umeek hizkuntza horiek ondo ikastea eta ikasketa ez dadila gurasoen ardura soilean utzi. Garrantzia bi arrazoirengatik dauka, batetik, kultur eta hizkuntza aberastasunaren ikuspegitik, eta bestetik, aberastasun ekonomikoa delako. Munduko hizkuntza piloa hitz egiten duen jendea badaukazu; txinera, errumaniera, arabiera, amazigera hitz egiten duen jendea, herrialdeak hobera egingo du.
Errepublika berriak Principat-a hartuko luke, eta katalana beste lurralde batzuetan ere hitz egiten da.
Zuzenean edo zeharka denetan jendea daukagu lanean: Alguer, Andorra, Balear Uharteak, Ipar Katalunia, Sartaldeko Zerrenda eta Valentziako Erkidegoa. Aldeko estatua izanda errazagoa izango da lurralde horietan egoerak hobetzea. Egoerak oso desberdinak dira. Hemen etiketajeaz kexatzen gara eta katalan hiztunak bizi diren lurralde batzuetan eskolan ere ez da irakasten katalana.
Aran haranarekin nolakoa izango litzateke harremana?
Guk diogu Kataluniako egoera linguistikoa katalanok erabaki behar dugula eta Araneko egoera linguistikoa haiek erabaki beharko dute. Guk proposatuko dugu aranera, katalana, espainiera eta ingelesa ikastea, eta guretzako balio duenak haientzat ere balio du. Batzuetan esaten da errepublika katalana errepublika binazionala izango dela, Katalunia eta Aran izango ditu. Hala da. Guk errespetu guztia diogu aranerari eta bertakoen borondateari. | news |
argia-9c90c4583e98 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/nola-kontatu-ni-a.html | Nola kontatu "ni"-a | Amaia Alvarez Uria | 2018-02-11 00:00:00 | Nola kontatu "ni"-a
Hiru ikuspegietatik begiratuko diogu Garazi Arrula Ruizek berriki euskarara ekarri duen Amelie Nothomben Hodien metafisika liburuari: idazlearena, irakurlearena eta pertsonarena.
Idazlearen ikuspegitik, nola osatuko zenukete zuen autobiografia? Pil-pilean dagoen eta gure literatur sisteman aldekoak zein kontrakoak dituen autofikzioa erabiliko zenukete? Noiztik aurrera hasiko zinatekete zuen bizitzari buruzkoak aletzen?
Liburu honetan egileak bere bizitzaren lehen hiru urteak kontatzen dizkigu, autofikzioa erabilita. Hodi bat izatetik (likidoen iragazle hutsa izatetik) pertsona baten hastapenetarako garaia ekartzen digu orriotara (zentzumenen eta gorputzaren esnaera eta lehen aurkikuntza eta pentsamenduak). Hori hirugarren pertsonatik lehen pertsonarako saltoa emanez egiten du eta gertaera eta gogoeta esanguratsuak tartekatuz.
Irakurlearen ikuspegitik, zer eskatzen diogu liburu bati? Beste ikuskera eta bizimodu batzuk ezagutzeko aukera? Gure gogo eta gorputzak astintzea? Egunerokotik ihes egiteko bide bat?
Japonian jaio den kontsul belgikar baten alaba da protagonista eta bi herri hauetako kultura agertzen da elkarrekin lehian: Tintin -en komikiak, No kantariak, historiako zenbait pasartek ere haien tartea izango dute edo jaioberri baten begiradak urtaroak nola hautematen dituen, umorea baliabide nagusi izanda.
Pertsonaren ikuspegitik, hiritar edo herritar deituko geniokeen rol sozialetik, zerk bihurtzen gaitu "ni"? Nola heltzen gara "ni" izatera? Eta nola uzten diogu "ni" izateari?
Bere lehen urratsak ematen ari den pertsonaia nagusiak bizitza eta heriotza ezagutuko ditu eta bere hitzekin azalduko dizkigu. Deskubritzen dituen gauzek sortzen dioten lilura kutsatuko digu erlijio kristaua edo mendebaldeko eta ekialdeko filosofiak bitarteko. Bere burua jainkotzat duen umegorri batek Unibertsoaren Lege nagusien berri emango digu.
Ipuin klasikoen jatorrizko bertsioen gordintasunez agertzen zaizkigu Oteizarenak izan zitezkeen arima, hutsunea eta tunelaren ideiak izaki baten existentziaren hasieran. Era berean, haurtzaroaren desmitifikazioa egingo digu ahots narratiboak. Azkenik, egile honen lana euskaraz irakurtzeko hirugarren aukera hau ez galtzeko gomendatzen dizuegu. | news |
argia-a763622ca3c8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/presio-taldeak-kontrolatu.html | Presio taldeak kontrolatu | Juan Mari Arregi | 2018-02-11 00:00:00 | Presio taldeak kontrolatu
Izan estatubatuarra, txinatarra edo europarra, izan Espainiakoa, Frantziakoa edo Euskal Herrikoa, gobernu denak daude lobbyek edo presio taldeek inguratuta.
Kasu askotan, erabaki politiko handiak ez dira hartzen hemizikloetan mikro baten aurrean, baizik eta gelatxo, korridore, kirol klub eta jatetxeetan egiten diren ezkutuko bileretan. Talde antolatu horiek euren interesak soilik defendatu nahi dituzte itzaletik politika baldintzatuz; horiek dira lobbyak, ia gehienetan etekin ekonomikoen bila dabiltzanak.
Bada, Nafarroako Gobernua, arrazoiz, oso kezkatuta dago lobbyen funtzionamenduarekin, eta presio talde horiek kontrolatu eta kate motzean lotu nahian dabil. Nafarroako Parlamentuan lantzen ari diren proposamenak herrialde anglosaxoietan egiten dutena kopiatzea dakar: existitzen diren presio talde guztiak erregistratzea. Talde horiek publiko egin beharko dituzte zein bilera mantentzen duten ordezkari politikoekin. Eta alderantziz, politikariek ere euren agendak publikatu beharko dituzte jende guztiak jakin dezan zeinekin ari diren biltzen. Lobbyen presioa delitu izan daiteke influentzia-trafikoagatik. "Ate birakari" delakoak ere arriskutsu izan daitezke, politikari eta ordezkari ohiek hartzen baitute parte ia gehienetan, eta azken batean "diferituan" egindako eroskeriak baizik ez dira.
Ea Nafarroako Gobernuak lortzen duen lobbyen erregistro hori osatu eta agenda politiko publiko bat edukitzea, Gardentasun Legeak dioen bezala. Euren interes ekonomikoen mesedetan araudi eta legeak aldatzea bilatzen duten presio taldeak kontrolatzeko modu eraginkorra litzateke. Aurreko nafar foru gobernuak ez ziren preseski eredu izan arlo horretan… orduko lobbyek hitz egingo balute! | news |
argia-7655b20ba2ff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/esklabo-lana-behar-da-janari-merkeak-ekoizteko-europako-masarentzat.html | Esklabo lana behar da janari merkeak ekoizteko Europako masarentzat | Pello Zubiria Kamino | 2018-02-11 00:00:00 | Esklabo lana behar da janari merkeak ekoizteko Europako masarentzat
Kopa bat ardo baino merkeagoko oilaskoa, hutsa balio duen saltxitxa, Andaluziatik edo Marokotik etorrita ere bertako sagarra baino gutxiago kostako zaizun marrubia... nola litezke hain prezio merkeetan supermerkatuan? Low cost elikagaiok ezkutatzen dituzte, banatzaileek baserritar txikiei egiten dieten bulling-az gain, nekazaritza industrialaren katean ari diren milaka langileren miseriazko soldatak. Esklabo lanean dihardute Mediterraneoan... baina baita Alemania aberatsean ere.
"Ekonomia neoliberalaren joko arauekin, janariak merke egon daitezen zurrupaketa eta prekarietatea egon behar dute", egia garden horrekin egiten dio sarrera Soberanía Alimentaria aldizkariak 30. zenbakiari, argituz zurrupaketa eta prekarietate hori ezartzen dizkietela ekosistemei, animaliei, landareei, kulturei eta, zalantzarik gabe, pertsonei. Zanpaketaren adibide zehatzak eskaintzen ditu, Europako herritarrentzako janari merkeen ekoizpen eta transformazio kateetan ari diren langileenak.
GRAIN erakunde altermundialistak eta Via Campesina mugimenduak gaztelaniaz plazaratutako agerkariak editorialean dioenez, zanpaketak itxura ezberdinak erakusten ditu nozitzen dituzten pertsonen generoaren edo jatorriaren arabera eta oso ezberdin ageri dira munduaren Ipar aberatsean edo Hego txiroan, "baina gaur egun migrazioak eta globalizazioa direla medio, badira iparraldeak hegoaldean eta hegoaldeak iparraldean". Izan ere, nork espero luke aurkitzea Alemania txit aberatsean Grezian ere pertsegitzen diren lan baldintzak?
" Esklabo lana Alemaniako haragi industrian " aurkeztu du Guido Grüner ALSO erakundearen Saxonia Behereko arduradunak. ALSOk 35 urte daramatza bere burua estatu sozial izendatzen duen Alemanian langabetu eta prekarioek nozitzen dituzten bizi baldintzak salatu eta aldatzeko lanean. 2008an hasi ziren eskualdeko nekazariekin elkarlanean, hauek esne erosle handiei hornidura-greba egin zietenean. Elikagai industrialen katean ari diren langileei aholkularitza juridikoa eta babesa eskaintzen diete.
Saxonia Beherean laguntza eske datozkien gehienak hiltegi handietako langileak dira, marka ezagunentzako oilaskoak (Heidemark, PHW/Wiesenhof...), txerrikiak (Danish Crown, Tönnies, Vion, Westfleisch) edo txekor haragien ekoizten ari direnak. Mundu osora esportatzen dute enpresok eta Alemanian beren okelak saltzen dituzte Aldi, Edeka, Lidl, Rewe eta beste supermerkatuek, beren prezio apalekin txikizkako salmenten %90etik gora kontrolatuz.
2013an sindikatu, hainbat talde kristau eta besteren laguntzarekin langileok egindako protesten ondorioz, Alemaniako estatuak neurriak hartu zituen lanaren arauketan, tartean okela industriako langileen alorrean: gutxieneko soldata orduko 9 eurotan finkatu, bizileku kolektiboetan dutxa eta bestelakoak bermatu... "baina urteon ondoren esan dezakegu –dio Grünerrek– estandar horiek ere ez direla betetzen". XXI. mendea iritsita, ugazabak sekula baino errazago dauka edozein zirrikitu baliatzea.
Hasteko, langileek frogako aldi bat igaro behar dute, eta hor babesik gabe aurkitzen da, kexarik txikiena azaldu edo gaixotuz gero kalera joateko beldurrez. Baina kontratua lortuta ere, lan orduak inork ez dituela kontrolatzen dio Grünerrek, aholku eske etortzen zaizkiela hilabetean 200dik gora ordu –"sarritan 240 eta baita 280 ere"– sartzen dituzten langileak , astean sei egunez 14na orduz ari direnak. Ez nolanahiko beharretan, frigorifikoetan, zama handiak mugitzen, erritmo bortitzetan...
Langilea legez konpainia handientzat ez baina aldi baterako lanen kontratentzako ari denez, edo kontrata baten azpikontrata batentzat... norengana jo kexatzera, gaixotasun atsedena eskatzera, edo ordutegi zehatza zein den galdezka? Babesik ez edukitzen hasita, asko dira kontratu bat sinatzearen truke enkargatuari 500 euro pagatu beharrean aurkitu direnak. Eta soldata minimoa nola bermatu ugazabak kalkulatzen baldin badu ez orduka baina ekoiztutako ale edo kiloen arabera? Nork kontrolatzen ditu atzerritik etorrita taldeka bizitzera behartutako langileoi enpresek alokatzen dizkieten logelen prezioak?
Desgaraiko marrubien mamia
Hegaztien txertatze eta garraioan ari diren langileen jarduera are tamalgarriagoa da, Gruido Grünerrek azaldu duenez. Saxonia Behereak 300 milioi hegazti hazten ditu urtero granja handietan, hiltegi industrialetara eraman behar direnak.
Furgoneta eta mikrobusetan eramandako koadrillak doaz etxaldez etxalde milaka hegazti harrapatu, kaioletan sartu eta kamioietan zamatzeko lan gogorrera, janzki egokirik gabe gehienetan, lana eskuz eginez hautsez eta simaurraren amoniakoz betetako biltegi ilunetan. Kualifikaziorik gutxieneko lana izaki, baldintzarik txarrenak ere langileok jasaten dituzte, sarritan kontraturik gabe, ugazabak lagatako etxebizitza kolektiboetan biziz, errenta garestia jornaletik zuzenean deskontatzen dietela... Ez da kointzidentzia hegazti garraioan ari diren koadrilletako gehienak etorkinez osatuta egotea.
Alemaniakoaz gain, Soberania Alimentaria -ren dossierrak aztertzen ditu Europako bi kasu gehiago: "Almeriako elikagaien manipulazio zentroak barrutik ikusita " idatzi du bertako langile batek L.G. sinadurapean. Juana Moreno Nieto eta Emmanuelle Helliok " Andaluziako eta Marokoko marrubitan ari diren emakume jornaleroak ". Carlos de Castro, Alessandra Corrado eta Domenico Perrotta unibertsitateko irakasleek, berriz, azaldu dute nolaz den "migrazioa, hornidura globalizatuzko kateentzako osagai gakoa".
Sasoitik kanpo ekoitzi eta kontsumitzen den marrubi gorriak –martxoa amaitzerako kaletarrak aspertuta egongo dira horiek jatez, nahiz eta hemengo baratze eta pendizetakoa orduantxe hasi loratzen– bere mamian darama elikagaien ekoizpen industrializatu globalaren azalpena. Europako ekoizle gehienak, baita negutegi eraginkorrenekin ari direnak ere, krisian daude Andaluziako Huelvan eta Marokon hazten dituzten marrubiaren konkurrentziari aurre egin ezinik.
Superretan asteotan aurkituko ditugun marrubiok haztearen inguruan nekazaritza eredu oso teknifikatua antolatu da, esportaziorako prestatua, produkzio koste handikoa: pestizida, ongarri kimiko, negutegien plastiko eta beste azpiegitura, landare emankorren patente... eta oso lotuta dago super eta hiperren banaketa kate erraldoiei.
Eskulan handia ere eskatzen du, ordea. Horregatik aurten ere 60.000 langile temporero ariko dira Huelvan eta 20.000 Maroko iparraldean. Gehienak emakumeak. Huelvak dauzkan 10.000 hektarea negutegietan marrubiak landatu, zaindu eta biltzeko behar direnetako asko Marokotik heldu dira, 13 urte arteko umeak dauzkaten amak, 2007an marrubiaren patronalak , Espainiako Enplegu Agentziak eta Marokoko agintariek sinatutako tratuaren arabera: horrela bermatzen dute sasoia amaitutakoan Marokora itzuliko direla.
Emakume zailduon izerdia daramate superreko marrubi potolo horiek, pestizida koktelaz gain. | news |
argia-da652e99e7eb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/bi-luma-aske.html | Bi luma aske | Dabi Piedra | 2018-02-11 00:00:00 | Bi luma aske
"Eztabaidak literaturarekin" zikloko solasaldiaren kronika. Nor: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano. Noiz: Urtarrilaren 16an. Non: Bilboko Bidebarrieta liburutegian.
Eztabaidak Literaturarekin zikloaren 2018ko txandari ekiteko, apustu indartsua egin zuen Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak urtarrileko saioan, euskal letretako bi autore handi gonbidatuta: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, biak Euskadi Saria irabazi berriak. Goizalde Landabaso moderatzaile, literatur belaunaldiez hitz egingo zutela agintzen zuen egitarauak. Baina solasaldian gai batetik bestera jauzika aritu ziren, euskal literaturari ertzak bilatzen.
Literatura eta askatasuna, idazteaz bizi ahal izatea, noraino da posible gure herri txiki honetan? Hara ikusmina eragiten duen zalantza. Gai pisutsu horri ez zioten izkin egin gonbidatuek: "Gure artean ez da izango dozena erdi idazle baino gehiago idaztetik bizi dena", bota zuen Urretabizkaiak, hasi eta berehala. Baina bizitzeko beste lan bat duen idazlea izateak baditu abantailak: literatura askatasunaren esparrua da berarentzat, ez baitago dirua irabazi beharraren menpe. Eguneroko ogia beste bide batzuetatik bermatua duenez gero, Urretabizkaiak libre sentitzen du bere burua. Askatasun hori izan ezean, ez omen zuen Bidean ikasia liburu saritua idatziko. Asier Serrano irakaslea da, eta idaztea beste atsegin du lan hori: "Maite dudan ofizio bat dut, maite dudan afizio bati eusteko".
Hala ere, literaturak ez badu bizitzeko adina ematen, "jarraitutasuna" izatea zaila dela onartu zuen Urretabizkaiak. "Orain emakume asko ari dira idazten, baina zenbat geratuko dira hemendik 20 urtera?". Etorkizunean, baina, kontakizunetarako beharra egongo da: "Jendeak istorioak behar ditu, eta gaur egun ikus-entzunezkoetatik jasotzen ditu gehienbat". Bat etorri zen Serrano, "formatuak aldatu dira, baina idazleak beti egongo dira hor, sortzaile gisa beharbada, begira Amerikako Estatu Batuetan telesailetako gidoiak idazten dituztenen arrakasta".
Hitzaldiak aurrera egin ahala, Serranok bere ibilbide literarioarekin lotutako pasadizo mordoa kontatu zuen. Idazten "izugarri sufritzen" duela aitortu eta gero, bere bibliografiatik liburu bakarra kenduko lukeela esan zuen: Picassoren zaldia . "Ez zen hura kaleratzeko momentua". Askatasunari beste ikuspegi batetik heldu zion gero, belaunaldi bakoitzean sortzen diren "koadrillatxoetatik" aparte samar dagoela esanaz. Irakurle gisa ere, askatasuna nahi du: "Ez zaizkit gustatzen pasarte bakoitzean nola sentitu behar duzun esaten dizuten liburuak, ez dut orkestra zuzendaririk behar".
Editoreekin dituzten gorabeherak, kritikariak... iritzi mamitsuz bete zuten Urretabizkaiak eta Serranok ordu eta erdiko saioa. Entzuleok eskertu genuen idazleen jardun jakingarri eta zintzoa. | news |
argia-c47519d2fe11 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/xxi-mendea-iraultza-feminista.html | XXI. mendea: iraultza feminista | Itziar Bardaji Goikoetxea | 2018-02-11 00:00:00 | XXI. mendea: iraultza feminista
Errusiar iraultzaren mendeurrena zarata gehiegirik gabe pasa da, sozialismoa ahaztu beharreko zerbait dela sinetsi du munduak, eta ekologismo green delakoa kapitalismoak irentsi du. Neoliberalismo finantzario tekno-zoroak ez du aurkaririk. Zer eska diezaiokegu berri onik ematen ez digun mende honi?
Nik feminismoaren gorakada geldiezina eskatzen diot. Feminismoak pertsonen arteko zapalkuntzak berrulertu eta birpentsatzeko tresnak ematen dizkigu, lanaren kontzepzioa zabaldu eta gure bizitzaren, gure denboraren eta gure gorputzen merkatzea salatzeko angelua irekitzen du. Sakonean, armiarma sareak tapaturik eta leiho gabeko sotoetan ikusten ez zena argira ekarri du azken hamarkadetan. Eta subjektu bat. Aniztasunaren ulergarritasun berritua eta desobedientzia freskatua sistemari, portaera ereduei, gizarte oso bati, eta nork bere buruari.
Eta ofentsibarako modu berriak: aurtengo martxoaren 8ko lan, ikasle, kontsumo eta zaintza greba deialdia inflexio puntu bat izan daiteke. Gure lan guztietan, Emakumeok* planto egiteak duen potentzial iraultzaileak gure irudimena gainditzen du. Irribarre bat itxaropen urriko mende madarikatu honetan. Zirraragarria. | news |
argia-bfeffa303a6b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/zer-egin.html | Zer egin? | I�aki Odriozola Sustaeta | 2018-02-11 00:00:00 | Zer egin?
Kalean nindoala, baikor antzean, Varufakis ekonomialari famatuari entzun bainion kapitalismoa bere burua irensteko bidean doala nahitaezko bilakaeran, hara non ikusten dudan aspaldiko lagun bat, bizi guztiko ezkertiarra, koherentea, gorri-gorria, Caritas-eko mahaian arropak jasotzen.
Harriduraz begiratu nion, eta segundo hamarren baten buruan gure bizitza guztia pasatu zitzaidan burutik, hots, langileen aldeko borrokak, mobilizazioak, manifestazioak, ihesak, lan sindikala… Bizitza osoa eraldaketaren zerbitzura.
Ikusi ninduenean: "Zer harrituta?", esan zidan. "Bada, bai", erantzun nion: "Hau da urte askotan gehien gorrotatu izan duguna, karitatea. Kapitalismoaren aldekoek aurpegia garbitzeko erabili izan ohi dutena, hain zuzen ere, eta aldi berean, eraldaketa oztopatzeko balio izan duen karitate kristaua".
"Bada, begira" erantzun zidan lagunak: "Hirurogei urte ditut, eta orain artekoa ikusi eta gero, joan zait ezer aldatzeko itxaropena. Eta gutxienez egungo behartsuei laguntzea erabaki dut. Orain, ustez ideologiarik gabeko beste zenbaitzuekin biltzen naiz, eta erabilitako arropak biltzen eta banatzen ditugu...".
"...eta datorren astean ere, saltoki handien ateetan jarri, eta erosketak egitera sartzen direnei poltsa emango diet, irteeran janariz beteta ekar dezaten, ea lortzen dugun janaria behar dutenen beharrei aurre egitea". Etxera joan nintzen, erabat lur jota.
Arnaldo Otegik, Euskal Herrira begira, "iraultza" kontserbadoreaz ohartarazi gaitu behin baino gehiagotan, baina aldaketa sakon atzerakoi hau lehen mundu osokoa dirudit honez gero. Elite ekonomikoak, berrantolaketa (edo krisia) eragin zutenak aseezinak dira, eta agintarien laguntzarekin, lan baldintzetatik hasi, eta oinarrizkotzat genituen zerbitzuetara, dena galarazten ari dira; dena dago arriskuan, edozer merkaturen menpe jarri baitaiteke: gauzak eta irudiak, gorputzak eta ideiak, banakakoak eta egiturak, sentimenduak edo emozioak barne. Eta egiten ari dira.
Eta "zer egin?". Bada, orain momentuan, egia esan, ez zait bururatzen ezer, eta ez dut irakurri ez entzun azkenaldian, ezker aldekoen aldetik, liluratuko gaituen zerbait, piztuko gaituen zerbait. Eta langileak, herritarrak, gehiengoa, eskuinekoen ustezko konponbideetan sinesten hasi da, besterik ezean, besterik ez balego bezala.
Thomas Hobbes filosofoak, jendarte honen bultzatzaileetako batek, gizakiari buruzko ideia latza zeukan, eta hauxe zioen: "Limosna ematen dugunean ere, ez dugu ematen bihotz onekoak garelako, norbera egoera horretan egoteko beldurrak eraginda baizik, nahiko genukeelako geuri ere ingurukoek laguntzea". Bada, kalean dagoen eskaleari zerbait eman beharko diodala bururatu zait, lehen aldiz, aurretik pasatzean. Hau da hau! | news |
argia-195956a327c6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2586/gogoko-goxuak-gatazka-donostian.html | Gogoko Goxuak gatazka Donostian | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2018-02-11 00:00:00 | Gogoko Goxuak gatazka Donostian
Gazteek lan arloan bizi duten prekarietateari aurre egiteko tresna berrien beharra zeukatela ikusita erabaki zuten antolatzea, bertako kide den Garazi Castañoren hitzetan. 2017ko uda aurretik, Uliako Lore Baratzetan lehenik eta Txantxarreka gaztetxean egin zituzten Gazteraiki topaketen testuinguruan sortu zen taldea. Egiten duten lana sindikalgintzarekin uztargarri ikusten dute, eta hauek heltzen ez diren jendearekin elkartasun sareak sortu nahi dituzte, egoerari konponbide kolektiboa eman asmoz.
Donostian Gogoko Goxuak kafetegi katearen aurka zentratzen ari dira borroka, Gipuzkoa plazan duten lokalean. "Oso zabal heldu zaigu, testigantza askorekin, bertan prekarietatea oso zabala dela eta langile askori ez dietela behar bezala ordaintzen". Pozgarri zaie gaia sona hartzen ari dela ikustea, "baina oraindik lortu behar dugu borroka modu efektiboan artikulatzea, dirua zor dieten langileei ordain diezaieten. Jende gehiago lotu behar dugu protesta honetan, presioa handitzeko", dio.
Kafetegi barrura bezeroei esku-orriak ematera sartzen direnean, beren kasu zehatza azaltzen duten Olaia eta Maddi langile ohiek "oso momentu potenteak" sortarazten dituztela azpimarratuko luke Castañosek. "Jende askok prekarietatearen berri prentsaren bidez edo modu orokorrean hitz eginda bakarrik dauka, baina aurrez aurre bi langile ohik leku horretan bertan zer egin dieten eta zer egiten duten azaltzean, oso modu humanoan azaltzen da bai egoera, baita arrazoi politikoak ere".
Euskal Herrian antzeko planteamenduekin sortu diren eragileekin harremana dute: Bilboko Eragin, Hernaniko Autodefentsa, Iruñerriko Babes Sarea eta Iruñerriko Gazte Langileok, besteak beste.
Donostiako taldearekin harremanetan jartzeko, [email protected] edo 644735884 zenbakia jarri dituzte eskuragarri. | news |
argia-2cf3a516c393 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/aquariuseko-errefuxiatuekin-legea-aplikatuko-dela-esan-du-grande-marlaskak.html | Aquariuseko errefuxiatuekin "legea" aplikatuko dela esan du Grande Marlaskak | Asier Gonzalez de San Pedro | 2018-06-15 00:00:00 | Aquariuseko errefuxiatuekin "legea" aplikatuko dela esan du Grande Marlaskak
Aquarius itsasontziko errefuxiatu batzuk atzerritarren atxikitze zentroetan sartuko dituzte eta litekeena da euren herrialdeetara itzularaztea.
Espainiako Barne ministro Grande Marlaskak esan du Aquariuseko 630 errefuxiatuak Espainiara iristen diren gainerakoak bezala tratuko dituztela. Dagokien espedientea irekiko diete, erregulazioa edota asiloa lortzeko edo Espainiatik kanporatzeko. Galdetuta ea pateretan etorritakoak bezala tratatuko dituzten, Barne Ministroak Onda Ceron emandako elkarrizketa batean gehitu du "legea aplikatuko dela".
Aquarius Valentzia bidean dago. Orain hiru itsasontzitan banatuta daude: 106 pertsona Aquariusen, eta geratzen diren 524ak Italiako marinaren Orione itsasontzian eta Italiako kostazainen Dattilo- n.
Bestalde Grande Marlaskak esan du Ceuta eta Melillako hesietako kontzertinak kendu nahi dituela eta txostenak eskatu dituela beste irtenbide bat bilatzeko. "Nere esku dagoen guztia egingo dut kontzertinak kentzeko"esan du Marlaskak "ez delako onargarria" jendea jauzi egiten ikustea. | news |
argia-846509cdfecc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/berpiztu-agrokultura-proiektua.html | Permakultura baratzea Gatikan, hiriari jaten emateko | Garazi Zabaleta | 2018-06-24 00:00:00 | Permakultura baratzea Gatikan, hiriari jaten emateko
"Bilboko gaztea izanik, sumatzen nuen hiriko gizartea ez dagoela nekazaritzarekin konektatuta". Horrela azaldu du Kepa Añibarro Zoritak nondik sortu zitzaion ingurumenarekiko eta lurrarekiko interesa. Ingurumen-kimikako eta Paisajismo eta Landa-Ingurumeneko ikasketak egin ondoren argi zuen nekazaritzarekin edo paisajismoarekin lotutako zerbaitetan egin nahi zuela lan. Non eta nola zen galdera. Iaz zalantzetatik atera eta proiektu berriari ekin zion: Berpiztu Agrokultura.
Mungiatik Gatikara
Mungiako lursail batean jarri zuen iaz proiektua martxan Añibarrok. "Elikagai osasuntsuak ekoiztu eta Km0 filosofia oinarritzat hartuta tokiko produktuak hirigunera hurbiltzea zen asmoa", dio. Mungiako lur eremuak, ordea, ez zuen irisgarritasun eta urerako sarbide egokirik, eta horregatik erabaki zuen lekuz mugitzea. Aurtengo sasoiari Gatikako lursailean ekin dio Berpiztu Agrokulturak.
Bereziki permakulturan dago jantzia Añibarro. Iaz teoriatik praktikarako jauzia eman bazuten ere, hura froga moduko zerbait izan zela onartu du. Aurten jada proiektuak forma hartu duela dio. "Tokiko barietateak lantzen ditugu Gatikako lursailean, genetikoki eraldatu gabeak eta pestizida nahiz kimikorik erabili gabe". Lurra aberasteko eurek egindako ongarria darabilte, termi-konpostera bidez lortutakoa esaterako. Aste gutxi barru jasoko dituzte Gatikako lursaileko lehen produktuak, hiriko hainbat jatetxetara eta bi banaketa puntuetara zabaltzeko.
Ekoizpenaz gain, heziketa eta aholkularitza
Berpiztu Agrokultura proiektuan, heziketara begirako ekimenak antolatzeko lanean ere badabiltza eta etorkizunean ildo hori jorratzea da euren asmoetako bat. Haurrekin, adineko jendearekin edota gaixotasunak dituzten pertsonekin aisialdiko ekimenak eta formazio tailerrak egitea dute asmo, besteak beste. "Baratzeak badu bere alde terapeutikoa eta medizinala", dio Añibarrok.
Norbanako nahiz elkarteentzako aholkularitza lanak ere egiten dituzte Berpiztu Agrokulturan. Hiri baratzeak sortzen eta diseinatzen laguntzen dute. "Erabilpenik gabeko espazioei bizia ematen diegu". | news |
argia-a98855bf1e2b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/gasteiz-orainaldian.html | Gasteiz orainaldian | Jon Aranburu Artano | 2018-06-24 00:00:00 | Gasteiz orainaldian
Orainaldian dokumentala. Egileak: Iñaki Landa, Mikel Buruaga eta Gindi Auzmendi. Maiatzaren 30ean Gasteizko Florida zinematan eman zen lehenengoz.
Asteazken bat, arratsaldeko 20:30ak, eta zinemara. Halakoxe planak sortzen dira, tarteka, Gasteizen. Oraingoan, aitzakia dokumental baten estreinaldia zen, baina izan zitekeen beste edozer ere: antzerki obra, adibidez; edo kontzertua, edo erakusketa, edo performancea, edo... Eta noski, esango duzue, "hori gurean ere badago". Eta arrazoi izango duzue: ez dut ezer berririk esan. Baina badut halakoak esateko arrazoi txiki bat; izan ere, dokumentalean, beste alor horiek guztiak aipatzen dira: antzerkia, zinema, musika, pintura, argazkia... Gasteizen lanean ari diren hainbat laguni buruzko dokumentala baita Orainaldian : izan antolatzaile, eragile edo artista.
Zehazki, hamabi istorioren inguruan egindako elkarrizketak dira dokumentalaren mamia: zinema kontuak, naturan egindako performanceak, liburugintza, marrazkilaritza, ipuin kontaketa, kantugintza... denetarik aipatzen dute hamalau elkarrizketatuek. Egileek –Iñaki Landa, Mikel Buruaga eta Gindi Auzmendi– euren lanari buruz, horretarako topatu dituzten erraztasun eta zailtasunei buruz, instituzioengandik jasotako traba eta laguntzei buruz eta, noski, Gasteizi buruz galdetu zieten. Eta "noski" diot, hori baita dokumentalaren hari gidaria: Gasteizko egungo sorkuntza.
Hari nagusia hori izanda ere, ekintzailetza eta autogestioak egiten dute sortzaile guztien artean hari lana.
Ongi egina dago dokumentala, dotorea da. Baina inpresioa daukat, hartzailea nongoa den, Arabako hiriburuaren zein ezagutza duen, ondorioa ezberdina izango dela. Hortaz, utziko didazue batzuentzako eta besteentzako ondorioak idazten.
Gasteiztik Buesa Arena, Mendizorrotza, Alaves, Zeledon, Ama Zuriaren plaza, eta Kutxi kalea ezagutzen duzuenontzat: Ziurrenera, zuen bizilekua edozein dela ere, eta baldin eta kultura zaleak bazarete, inbidia sentituko duzue hau ikusita. Hamaika kultura adierazpide, askotariko estilotakoak, gustu guztientzakoak topa daitezkeela konturatuko zarete. Ohiko topikoez gain, bizi-bizirik dagoen hiri bateko biztanleek eskainitako aukeren lagin txiki bat jasoko duzue, eta dudarik gabe, bertaratzeko gogoa egin.
Gasteiztarrontzat eta Aiaraldekoak ez diren Arabarrentzat, Euskal Filologia edo IVEF ikasten 4 urte bertan eman eta zuen herrietara penaz bueltatu zaretenontzat, edota bertan lan egin eta tartean-tartean bertan gelditzeko aitzakia bila ibiltzen zaretenontzat: Oker zaudete dokumentalak ezer berririk erakutsiko ez dizuela pentsatzen baduzue. Postura egiten dizuet ezagutzen ez duzuen istorio bat baino gehiago topatuko duzuela. Eta okerrena izango da, sortzaile hori zuen taberna berera joaten dela konturatuko zaretela.
Ziur, egun hauetakoren batean iragarriko dizuetela emanaldiren bat zuen inguruan, webgune edota telebistaren batean. Batzuek eta besteek ez gero galdu. | news |
argia-89826ea77b5b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/hazkuntza-komunitarioa.html | Bularreko anai-arrebak | I�aki Sanz-Azkue | 2018-06-24 00:00:00 | Bularreko anai-arrebak
Umeak eta bularrak. Zenbat emakume, hainbat kontakizun. Guk garai batekoak bildu ditugu, eta hiru testigantza jaso. Bularrik hartu ezinik zebilen umeari beste emakumeek eman ziotenekoak. "Mamadoreak" edo "mamoiak" ere hor ziren: emakumeei bularreko gaitzak sendatzeko edoskitzen zutenak. Galtzen doazen, aldatzen doazen hazkuntza komunitarioaren lekukotzak denak. Inguruan galdetuz gero, aurkituko dugu zer kontatua duenik.
"Hil arropak ere prestatu omen zituzten niretzat jaio nintzenean!" esan digu Emilio Iridoy-k (1946, Hondarribia). Bere amak ez omen zuen esne nahikorik bularrean semea aurrera ateratzeko. Eta ahuleziaren ahuleziaz, larri izan zen Iridoy: "Hilzorian izan omen nintzen. Horrela kontatu izan didate beti etxean. Nik bularra hartzen nuen baina… hil-arropak josten ari zenak esan omen zion gure amari: ume hau gose da! eta horrela eraman ninduten bizilagunen etxera".
Inguruko bi emakumek ume jaioberriak zituzten, eta haiengana eramaten zuten bularra hartzera. Oraindik ere badu harremana bere bularreko anai-arrebekin. Arreba eta biak erdi-txantxetan ibiltzen omen dira kontu hori dela eta.
Umea besoz beso, bularra ondo helduko zain
1945ean izan zuen umea Angela Garinek (1916, Lazkao). Bere ahizpa Lorentxak ere ez zuen askoz beranduago izan. Baina Lorentxari semeak ez zion ondo heltzen bularra, eta esnea hartzeko zailtasunak zituen. Ane Larrañagak gogoan ditu bere ama Angelak kontaturikoak. "Gure amak ez zuen dudarik egin. Ume jaioberria hartu eta Lazkaotik Usurbilera arteko bidea egin zuen, ahizpa Usurbilen bizi baitzuen. Behin iritsita, haren haurra besotan hartu eta bere bularrean jarri zuen. Gure amaren bularra hobeto heltzen zuen umeak. Ondo helduta zuela ikusten zuenean, gure amak bere bularretik ahizparenera pasatzen zuen umea, eta horrela behin eta berriz, harik eta haurrak bere amaren titia ondo hartu zuen arte". Umeak ikasi zuela ikusita Angelak Lazkaorako bidea hartu zuen berriro, ahizparen haurrak esnea ondo hartzen zuen lasaitasunarekin.
Etxeko haur denentzat esnerik ez
Donostiako Gurutze Gorrian erditu zen haurraz Marixa Mitxelena (1941, Donostia), 25 urte zituela. Elixabete Muñoz, alaba, espero baino hilabete lehenago jaio izanak eragina izan zuen antza, eta segituan ohartu ziren jaioberria ez zegoela ondo. Odol jario handia zuen ahotik eta birikak ondo garatu gabe zituen; Donostiako ospitalera eraman zuten txikia.
Jaio eta bi egunera egin zion lehendabiziko bisita amak alabari. Mitxelena ospitalera igo zenean haurra gaizki zegoen: "hodiak zituen gorputz osoan, eta oraindik esnerik ez emateko agindu zidaten medikuek. Larri zegoen". Egun gutxian, ordea, amak bularra eskaintzeko aukera izan zuen, eta oso pixkanaka bada ere, Muñoz indartzen joan zen. Mitxelenak atzo izan balitz bezala kontatu dizkigu egun haietan gertaturikoak. 52 urte pasa badira ere, Elixabeteren jaiotzarekin bizi izan zituenak betiko gorde zaizkio memorian. Sentimendu askorekin kontatu digu gertaturikoa: "Goizetan baino ezin genuen joan alaba ikustera. Batzuetan bular pixka bat ematen nion, eta beste askotan kristalaren beste aldetik ikusten nuen. Muñoz esnea hartzen hasi zenean, ordea, medikuak kristalezko botila lodi bat eman zidan. Bularreko esnearekin hura bete, hotzean gorde eta egunero-egunero ospitalera eraman behar nuela agindu zidan. Senideek etxea zuten Donostian eta euren etxean geratu ginen bizitzen. Gurasoak, gure familia eta 13 anai-arreba ginen etxe berean! Haiek komeriak, haiek!".
Hondarribiko Okila baserrian ematen zion bertako emakumeak bularra Iridoyri.
Bertan bildu ditugu hiru testiguak: Emilio Iridoy, Ane Larrañaga (zutik) eta Marixa Mitxelena. Argazkia: Dani Blanco.
Amak hutsik egin gabe igotzen zuen esne-botila egunero. "Apirila hasieran, Alustiza medikua gerturatu zitzaidan, gure alaba osatu zela eta etxera joan gintezkeela esanez. Bazekien Oñatin bizi ginela, baina mesede handi bat eskatu behar zidala aipatu zidan. Itxuraz nire alabarentzat egunero betea eramaten nuen esne-botilaren zati handi bat leku berean ingresatuak ziren anai hirukietako biri jaten emateko erabiltzen zuten. Haien amak bost seme zituen, eta bat-batean hirukiak etorri zitzaizkion! Amak ez zuen esne nahikorik denak asetzeko, eta ume horiek ez zuten nire esnea besterik. Alustizak garbi esan zidan, nire esnea zela ume horien medizina bakarra". Mitxelenak ez zuen dudarik egin: "Beste amaren lekuan jarri nintzen. Alustiza medikuari esan nion lasai egoteko. Egunero atera behar banuen, aterako nuela. Eta horrela egin nuen".
Mitxelena Donostian geratu zen hilabete batzuetarako eta ekaina bitartean goizero igo zuen botila-esne ospitalera. Ander urtebeteko semea alboan zuen eta Elixabete jaioberria bular eskean, baina era batera edo bestera egunero esnea atera eta iristen zen ingresatuak ziren anaiengana. "Gehienetan nik eramaten nuen, baina ezin nuenean senideren bati eskatzen nion. Ezin genuen hutsik egin!".
Ekainetik aurrera esne gehiagorik ez zuela eraman behar esan zioten Mitxelenari ospitalean. Ordutik aurrera ez du ezer gehiago jakin anai haiei buruz; gaur arte. Izan ere, lagun batzuen bitartez hirukiekin harremanetan jartzea lortu dute, eta egin dute zita. "52 urte igaro dira, baina beti izan dut gogoan kontu hau. Aterako ote ziren anai horiek galdetzen nion nire buruari… baina ez dut ausardiarik eduki hirukiak bilatzeko, eta orain poz-pozik nago. Pena bakarra dut, ordea, ama duela bi urte hil zitzaiela esan baitidate". Denbora gutxian elkartuko dira denak mahaiaren inguruan, Hondarribian. Marixa Mitxelena eta sendiarekin batera izango dira bularreko anai-arrebak: Elixabete Muñoz eta hirukiak. Inoiz ez da berandu bularreko anai-arrebak elkar ezagutzeko!
"MAMADOREAK": BULARREKO MINAK SENDATZEKO TIRATZEN ESPEZIALISTAK
Urte honen hasieran zendu zen Usurbilen Jesus Arruti Gonzalez-Etxabarri, 1940an Asteasuko Azkonita baserrian jaiotakoa. Gaztetan mamadore aritu zela esaten zuen, naturaltasunez. Azkenengo aldiz, grabagailuaren aurrean kontatu zuen:
"Emakumeak familia izan eta umeak tiratzen ez bazuen, faborez eskatzen zidaten joango al nintzen tiratzera. Nik 16-18 urte izango nituen. Hots-egiten zidaten garaian joaten nintzen, egunez bezala gauez. Gure arreba zaharrena ere asko ibili zen mamadore". Ontzia jartzen zuen aldamenean, eta edoskitutako esnea txartua bazegoen, ahoratu orduko ontzira botatzen zuen. Emakume batzuengana hiru-lau aldiz joan behar izaten zuen segidan, beste batzuek behin aterata nahikoa izaten zuten. "Gero esnea ateratzeko erremintak ugaritu ziren eta mamadoreak bukatu ziren".
Arrutiren ume garaian oso arrunta zen esne nahikorik hartzen ez zuen umea beste emakume baten bularrean jartzea: "Inguruan bost-sei baserri baziren, eta umea egindako hiru-lau emakume, batek esne gutxi zuela eta besteak asko, umea auzoko etxera eramaten zuten. Igual ematen zituzten auzoko etxean hiru-lau egun, amari esnea etorri edo bularra sendatu arte".
Estitxu Eizagirre Kerejeta | news |
argia-dba9ee776a32 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/kanadak-marihuana-legeztatu-du-baina-askorentzat-berandutxo.html | Kanadak marihuana legeztatu du, baina askorentzat berandutxo | Pello Zubiria Kamino | 2018-06-24 00:00:00 | Kanadak marihuana legeztatu du, baina askorentzat berandutxo
Kanadako Senatuak ekainaren 7an bedeinkazioa emanda, hiru hilabete barru marihuanaren kontsumoa bezala salerosketa libre izanen dira han. AEBetan legezkoa den estatuetan ikusi denez, kalamuaren trafikoan aritzeak ez du gehiago gaiztagin bihurtuko inor, osasun arazoentzako eskuratu ezinean zebiltzanei eguna argituko zaie eta estatuak diru asko bilduko du zerga berritan. Baina drogen kontrako gerran buru ibili direnetako batzuk izango dira orain negozio berrien onuradunak ere.
Kanadak dena prest dauka marihuana bere ohiko salerosketa sareetan sartzeko, alkohola daukan bezala, lege, saltoki, kontrol eta zergak barne. Ekain hasieran, justu Donald Trump G7ko gainerako mandatariekin muturtuta eta bereziki Kanadakoarekin haserre azaldu zuen argazki haren egunean, Otawako Senatuak oniritzia eman zion kalamuaren erabateko debekua lurperatzen duen lege berriari. Hori bai, diputatu eta senatari kontserbadoreek gogor egin diote aurre azken unera arte.
Justin Trudeau lehen ministroak bete ahal izan du 2015eko hauteskunde kanpainan egindako promesa. Osasun arazoak arintzeko kontsumitzea 2001etik zegoen despenalizatua Kanadan, baina arau berriarekin bera bihurtu da G7 taldeko herrialdeen artean estreinakoa marihuana atseginerako kontsumorako liberalizatzen.
Kalamuaren erabilera librea legeztatzeko Justin Trudeauk egin promesak protagonismo handia eduki zuen 2015eko hauteskundeetan.
Legeztatzearen sustatzaileek argudiatu dutenez, egoera berriak ekarriko du kriminalitatea gutxitzea, lanpostu berrien sorrera eta estatuak zergatan diru gehiago biltzea. Hemendik aurrera kanadar bakoitzak bere kontsumorako lau Cannabis sativa landare hazi ahal izango ditu, norbere kontsumorako 30 gramo arte edukitzea bezala; gehiagoko kopuruak merkataritza legeen arabera kudeatuko beharko dira.
Kanadako prentsan aurki daitekeen eztabaidetako bat da ea zenbateraino lortuko duten agintariek maria trafikoaren merkatu beltza murriztea, edo bestela esanda, ea zenbat zerga biltzea lortuko duten. Tom Barnesek The Independent egunkarian azaldu duenez, "Kanadan atseginerako marihuana merkatuak urtean 5.700 milioi dolar kanadar –3.700 milioi euro– mugitzen ditu eta asko dira oraindik uste dutenak horren zati handi batek gero ere legez kanpo jarraituko duela".
GTV Capital funtsak, Kanadako kalamu konpainietan berezitua denak, kalkulatu du legezko irribelarra zergen aurretik ere gramoko 8,33 dolarretan –5,4 eurotan– ateratzen dela, ilegalak balio dituen batez besteko 4,88 euroak baino garestiago, testa, zorroratzea eta segurtasun arauak direla eta. Gauza da legez salduari gehituko zaiola gramoko dolar bat zergatan. "Prezioen arteko tartea hori baldin bada, kontsumitzaile askok merkatu ez legalean jarraituko dute".
Ez da harritzekoa Kanadako Zaldizko Poliziak –Mounted Police izena dauka, txapeloker kanadarren behor bakarrak beren autoenak izan arren– oso aurreratuta edukitzea planak kalamuaren industrian jarraituko duen merkatu beltza ikertu eta pertsegitzen jarraitzeko.
Gainerakoan, erakunde guztiak prest omen daude marihuanaren garai berrietarako. Ontarion, biztanle gehien dauzkan probintzian, gobernuak berehala zabalduko ditu 40 komertzio belarraren salerosketarako, 2020an 150era iristeko asmoz. Quebec 20 dendarekin hasiko da. Askok uste dute urriegi suertatuko direla dagoen kontsumoa asetzeko. Konparaziorako, Colorado estatuan (AEB) 2012an legeztatu ondoren 1.000 denda zabaldu dira. Coloradon prezioak jaitsi dira 2012ko 10,2 euroetatik gaurko 6 euroetara eta bertako agintariek diotenez kontsumitzen den marihuanaren %70 legezkoa da.
AEBetan, prentsa ekonomikoak berrikitan plazaratu duenez, kalamuak laster edari freskagarriek baino negozio handiagoa mugituko du. Business Insiderr ren Cowen inbertsio bankuko arduradunek kalkulatu dute 2030erako belarraren industriak 64.000 milioi euroko salmentak edukiko dituela; gaur egun 42.000 miloi euro mugitzen omen ditu AEBetan, beti ere trafiko legalean.
Belar gaiztoa uste baino hobea zen
"Kanadak belarra legeztatuko du, baina amnistiatuko ote ditu delituengatik kondenatuak?", idatzi du Leyland Ceccok The Guardian en Torontotik. "Aktibistek diote amnistiarik gabe talde baztertuetako askok jarraituko dutela iraungitako legeen kalteak nozitzen".
Justin Trudeauk marihuana legeztatzeko promesarekin 2015ean hauteskundeak irabaziz geroztik, hautagaiaren hitza lege bihurtu arteko hiru urteetan 15.000 jende baino gehiago atxilotu edo salatu dituzte horri lotutako delitu eta faltengatik. Denetara, Kanadan 500.000 herritar inguruk omen dauzkate aurrekari penalak marihuana trafikoagatiko kondenaren batekin lotuta.
Udaberrian Cannabis Amnesty kanpainan sinadura bilketari ekin diote. Beren webgunean ekimenarekin bat egiten duten jende ezagunen iritziak irakur daitezke: "Amnistiarik gabe, legeztatzea monopolizatze itogarria da" dio Deejay NDNk; Alderdi Liberaleko Nathaniel Erskine-Smithek berriz "Kalamuaren kriminalizatzea luze iraun duen injustizia da; amnistia beharrezkoa da injustizia konpontzeko".
Marihuanaga trafikoagatik zigortuentzako amnistia eskatzeko manifestazioa Toronton maiatzaren 5ean. (Argazkia: Cannabis Culture)
Are gordinago idatzi du CBC katean produktore izandako Rosie Rowbotham ek: " 20 urtez egon naiz espetxean kalamuagatik , eta orain poliziak aterako dio etekin ekonomikoa horri. Trafikatzaileok pertsegitu gintuzten agintari horiek berak ari dira orain inbertitzen marihuanan, eta bitartean ez dago amnistiarik lehengo kondenatuentzako".
Rowbothamek 18 urte zituen Pierre Trudeau lehen ministroak, oraingoaren aitak, porruak erretzea zigorgabetuko zuela agindu zuenean. Agintariak ez zuen hitza bete. Aldiz, gazte hura sartu zen trafikoan, aitortzen duenez tonaka ekartzen zituen Ekialde Hurbila, Jamaika, Mexiko eta Kolonbiatik. Lautan epaitu zuten eta denetara 69 urteko espetxealdira kondenatu, horietatik 20 bete zituelarik, lehen biak segurtasun goreneko ziegetan, nahiz eta sekula ez nahastu droga gogorragoekin.
"Inoiz ez dut nire burua aurkeztu marijuanaren aktibistatzat. Nik dirua ateratzen nion eta legeztatzea txarra izango zen nire negozioentzako". Orain, ordea, ezin du jasan bera bezalakoak eta kontsumitzaile txikiak pertsegitzen zituzten zakurrak berak ikustea kalamu legalaren negozioaren erdian.
Rowbothamek izen-abizenez aipatzen ditu horietako batzuk, hedabideetan ere azaldu direnak. Marihuana terapeutikoan famatua den Aleafia konpainiarentzako ari da lanean, esaterako, Julian Fantino Torontoko polizian kalamuaren pertsegitzaile erruki gabea, oraindik 2015ean legeztatzearen kontra mintzo zena. Berdin gobernu kontserbadoreko kide ezagun gehiago. Diote orain ohartu direla oker zeudela gai honetan.
"Orain horiek –dio Rowbothamek– libre dute dirua egitea marijuanaren legeztatzearen kontura, eta bitartean laster legala izango den zerbait egiteagatik aurrekari penalak dituzten asko baztertuta geratuko dira, edo, kasu askotan, baita espetxean ere. Ni gaizkilea baldin banaiz, zein hitz erabiliko zenukete izendatzeko Fantino eta beste zakur-ohi eta politikariak, orain aberastu nahian ari direnak lerroaren beste aldera pasata?". | news |
argia-7303d2e6a981 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/osakidetzako-oposizioetako-beste-lau-espezialitatetan-zantzu-susmagarriak-aurkitu-ditu-euskadiko-sendagileen-sindikatuak.html | Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan zantzu susmagarriak aurkitu ditu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak | ARGIA | 2018-06-14 00:00:00 | Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan zantzu susmagarriak aurkitu ditu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak jakinarazi duenez, Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan filtrazio-zantzuak aurkitu ditu: Traumatologia, Kirurgia Orokorra, Kirurgia Torazikoa eta Neurokirurgiako azterketak dira susmo berriak eragin dituztenak.
Elur-bola geroz eta handiagoa da Osakidetzako oposizioetako iruzurraren auzian. Zenbait medikuri azterketak aurretik filtratu zizkietela salatu zuten sindikatuek ekainaren hasieran eta geroztik irregulartasunekin lotutako albisteak ugaritzen ari dira enplegu eskaintza publiko horren inguruan.
Azken berria Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eman du: beste sei espezialitatetako azterketak aztertu ostean, ondorioztatu du posibleki emaitzak filtratu direla lau espezialitate berritan.
Traumatologiako emaitzak aztertu ondoren, alor horretako bigarren azterketa seinalatu du sindikatuak; Kirurgia Orokorrekoan ere oposizioetara aurkeztu diren zenbait medikuri bigarren azterketa filtratu zietela uste du; Kirurgia Torazikoaren kasuan, 1 eta 2 azterketak daude susmopean; eta Neurokirurgiakoan lehenbizikoa.
Lau kasu berri hauek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren esku jarri ditu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta esku hartzeko eskatu diote.
Nondik filtratu ziren azterketak?
Kasu bakoitzean azterketako edukia prestatzearen ardura norena izan den ere aditzera eman du sindikatuak: oposizioko tribunala bera hiru kasutan (Traumatologia, Kirurgia Orokorra eta Kirurgia Torazikoko bigarren proba) eta IVAP Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea beste bi kasutan (Neurokirurgia eta Kirurgia Torazikoko lehenbiziko azterketa).
Hain zuzen, azken egunetan oposizioetako tribunalen osaketa eztabaida-iturri izan da: iruzurra salatu ostean, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi zuen bere sailak ez daukala harreman zuzenik enplegu eskaintza publikoaren prozedurarekin. Oposizioetako tribunalen osaketa eta Osasun saileko goi kardugunen izenak gurutzatuta, ordea, harremana begi-bistakoa da: Osakidetzako 24 goi kargudun daude epaimahaietan .
IVAPen eta oposizioaren arteko harremanari dagokionez, erakunde hori izan zen oposizioetako lehenbiziko azterketa teorikoak egin zituena, baita bigarren azterketetako batzuk ere. Horretarako, Osakidetzako profesionalen laguntza izan zuen, zerbitzu eta sekzio buruena zehazki. Ezarritako prozedura bete izan balitz, IVAPek prestatutako azterketak ondo gordeta egon behar ziren probak hasi baino bi ordu lehenagora arte.
Sendagileen Sindikatuak jo-puntuan jarri dituen lau azterketa berriekin dagoeneko 16 dira Osakidetzako oposizioetan filtrazio posibleak jasan dituzten espezialitateak. Aurretik Anestesiologia eta Erreanimazioa; Angiologia eta Kirurgia Baskularra; Liseriketa Aparatua; Kardiologia; Kirurgia Kardiobaskularra; Aho- eta Aurpegi-masailetako Kirurgia; Medikuntza Intentsiboa; Neumologia; Onkologia Erradioterapikoa; Erradiodiagnostikoa; Erreumatologia eta Urologiako azterketetan agertu dira ezohiko puntuaketak, zeinak sindikatuen eta eragile politikoen susmoak piztu dituzten.
Horiei gehitu behar zaie Ospitale-Pediatriako azterketan jarri zen kasu bat bertan behera utzi dutela, aurretik medikuntza-kongresu batean esplikatu zenez zenbaitek ezagutzeko aukera zegoelako. | news |
argia-f55559d82c86 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/justiziaren-arrakalak-elkartasunez-beteta.html | Justiziaren arrakalak elkartasunez beteta | Miren Osa Galdona | 2018-06-24 00:00:00 | Justiziaren arrakalak elkartasunez beteta
Ekainaren 13a, asteazkena, Altsasu. "Utzi Altsasu bakean" dioten banderek herriko balkoiak atontzen dituzte. Samina antzematen da, ez ordea dolurik ezta etsipenik ere. Aitzitik, herriaren batasuna eta indarra sumatzen dira. Koxka tabernan hiruzpalau altsasuar daude arratsaldeko kafea hartzen. 606 egun igaro dira bertan herriko gazte batzuen eta bi Guardia Zibilen eta beraien bikotekideen artean liskarra sortu zenetik. Bertan hasi zen dena 2016ko ferietako ostiralean, Nafarroako herri txiki bateko taberna batean. Eta lerrook idatzi artean, Madrilen da auzia, Auzitegi Nazionalean.
577 egun igaro dira Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak liskarra "terrorismoarekin" lotu eta Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz espetxeratu zituenetik. "Aske geldituz gero ezin da ziurtatu biktimen ondasun juridikoen kontra atentatu edo bestelako delituak egingo ez dutenik", argudiatu zuen Lamelak.
60 egun bete dira atxilotuak askatzeko eskatuz Iruñean 50.000 pertsona elkartu zirenetik.
Hamabi egun igaro dira Altsasun epaiaren berri izan zutenetik. Madrilgo Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioko epaimahaiak ez zuen terrorismo deliturik atzeman liskarrean, ezta akusatuek "ETArekin lotura" edo bertan partaidetza dutenik ere. Alta, terrorismo delituak baztertu izanagatik ere, guztira 79 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten zortzi gazteei; "kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak" eta "agintearen aurkako atentatu" delituak leporatuta. Zazpi egun besterik ez dira pasatu ekainaren 5eko goizean Guardia Zibilak herria hartu eta Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea atxilo eraman zituenetik.
Kolpea latza izan zen, beste behin. Epaiketaren ostean indarrak hartu eta aurrera jarraitzeko nahiko kemen izango zutelakoan ziren gazteen senideak eta lagunak. Akusazioak, baina, ez du gaur-gaurkoz barealdirik onartzen, eta ekaitza leherrarazi zuen manifestazioaren bezperetan: "terrorismo delituengatik" epaitzeko Fiskaltza helegitea jartzeko asmotan zela jakin zen prentsaren bidez. José Perals Auzitegi Nazionaleko fiskalak 12 eta 62 urte arteko kartzela eskatu zuen, "lesio eta mehatxu terroristak" egotzita. Kolpeak kolpe, orduan inork ez zekien hiru egun beranduago Iruñea elkartasunaren arnas-gune bilakatuko zela.
Gurasoak bihotz-buru, herria gorputz
"Sekula manifestazio batera joan ez den jendea dago hemen. Denok gaude. Hau izugarrizko bidegabekeria da", dio Iruñeko Sadar futbol zelai inguruko jende-saldoan barrena ia ibili-ezin dabilen gazte batek. "Hau ez da justizia" pankarta eta seme-alaben irudiak helduta abiatu dira manifestazioaren buruan Altsasuko Gurasoak, eta atzetik Euskal Herri osotik, Kataluniatik eta Espainiako Estatuko hainbat lekutatik etorritako jendetza. 80.000 pertsona baino gehiago zenbatu dituzte antolatzaileek, sekula Nafarroak jaso duen manifestazio jendetsuenetako bat.
Cualquiera que defienda la justicia independientemente de su tendencia política, procedencia o edad debería ver claramente la desproporción injustificable que supone el caso de nuestros hijos e hija. Ayer más de 80 000 personas nos unimos reclamando JUSTICIA. #AltsasukoakASKE pic.twitter.com/2N6OfUbmSe
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 2018(e)ko ekainaren 17(a)
Estu geratu da Zaragoza etorbide zabala, motz manifestazioko 2,5 kilometroak, txiki Iruñea. Ibilbide osoan zehar "Altsasukoak aske", "Hau ez da justizia" oihuak eta txalo zaparradak entzun dira. "Altsasu Aurrera" kantua abestu dute Mikel Markezek, Estik, " El Drogas "-ek eta Jon Maiak, eta "txarrenari onena" entzun dute bozgorailuetatik Askatasunaren Plazako ekitaldira iritsi ez diren manifestariak, "zaurietan muxu" abestu du Jon Maiak segidillan ondoren. Gazteen senideak oholtza gainean "eskerrik asko" mezu erraldoiari tinko eutsiz amaitu da ekitaldia, herriaren maitasuna eta babesa sentituz. Pankarta hori, hiru makilekin hartu eta manifestazioaren kontrako norabidean atera da, jendetzaren buru gainetik pasaz, amaiera ekitaldira heldu ez diren milaka lagunen txalo zaparrada hunkitua eraginez.
Manifestazioaren biharamunean, egunkari askok azalean jaso dute Iruñeko argazkia. Sare sozialetan ere milaka mezuk ospatu dute larunbateko garaipena, eta itzulerako autobusetan ere antzeman da antolatzaileek hauspotutako indarra.
Lau hankako muntaia
"Berriro ere aldatu digute manifestazioaren ibilbidea", esan dio Eneko Mendiluzek Aritz Leozi, mobilizaziorako hiru egun falta direnean. Altsasukoak Aske plataformako kideak eta atxilo duten Iñaki Abaden lagunak dira biak. Nekatuta daudela diote, azken urte eta erdian bezala. Hala ere, irribarretsu agurtu dira, eta indarrak soberan dituztela diote. "Niri bizitza goitik behera aldatu dit kontu honek –azaldu du Leozek–. Hasierako atxiloketak gertatu aurretik lanean hasi ginen herriko batzuk. Nire azken bi urtetako lehentasuna hau izan da. Aisialdia luxua bihurtu da". Prozesu guztian zehar aldarrikatu bezala, auzia "mendeku hutsa" dela diote, eta muntaia poliziala mahai baten hanka bakarra dela: "Lau parametrotan kokatzen dugu muntaia: juridikoa, politikoa, poliziala eta mediatikoa". Muntaia mediatikoa akusazioaren diskurtsoa sortzeko eta elikatzeko "ezinbestekoa" da, eta hainbat komunikabideek kontakizuna "eraiki eta hauspotu" dute bi lagunen hitzetan.
Aritz Leoz eta Eneko Mendiluze, Altsasukoak Aske plataformako kideak. (Miren Osa)
Aritz Leoz: "Lau parametrotan kokatzen dugu muntaia: juridikoa, politikoa, poliziala eta mediatikoa"
"Niretzat oso adierazgarria da sententzia, inflexio puntu bat markatzen baitu. Estatuko zenbait indarrek duela urte batzuetako dinamikarekin jarraitu nahi dutela ikusten da, egitura mantenduz. Sententzia honek beste bide batzuk irekitzen ditu Estatuaren jokaerari begira: antzeko beste kasu bat gertatuz gero, Altsasukoa izango dute eredu gisa", aipatu du Leozek. Baietz dio Mendiluzek, gaiak sorrarazten dion amorrua ezkutatu ezinik: "Sentitu dugu lagunak bahitu dizkigutela, indarraren poderioz". Zientzia fikziozko film batean daudela iruditzen zaie, eta beren ustetan, hilabete hasierako atxiloketek berretsi egin zuten errealitatearen eta fikzioaren arteko talka.
"Mina ematea bilatu zuten. Oso-oso gaizki pasatu genuen, eta izugarria izan zen aurreko egunetik herrian pairatu genuena. Polizia herritik zebilen, edozein ertzetan, grabaketak egon ziren, eta antzematen zen zerbait arraroa gertatuko zela. Hala ere, ez genuen alarma sortu nahi, batzuetan hori bilatzen baitute, gatazka bilatzea. Hori saihesteko gaitasuna erakutsi dugu", adierazi du Leozek. Iñaki Abaden kasua ekarri du gogora: "Ikustea nola ikaragarrizko duintasunarekin gerturatu zen Guardia Zibilarengana, beren aitzakia ihes egiteko arriskua zela bazen ere. Eta hara zer arrisku! Jakinda berak ez duela ezertxo ere egin, akusazioak gezur hutsak direla, eta akusatzaileak gezurtiak, duintasun osoarekin joan zen eta atxilotu zuten. Niretzako irudi hori goiz horretako sinbolo bihurtu da".
Igone Goikoetxea eta Bel Pozueta, Altsasuko Gurasoak elkarteko kideak. (Argazkia: Miren Osa)
Bel Pozueta: "Altsasu herria inoiz baino batuago dago"
"90eko hamarkadako eszena bizi izan genuen atxiloketen unean", dio Bel Pozuetak oraintsu arte aske zeuden lau gazteen inguruan. Bere semeak, Adur Ramirez de Aldak, hamazazpi hilabete daramatza Soto del Realgo espetxean, eta Altsasuko gazteen auzia bere bizitzaren erdigunea bilakatu da: "Jaikitzen naizenetik berriro ohean sartzen naizen arte, denbora guztian daukat buruan. Gainera, komunikatzeko, elkarbanatzeko eta borrokatzeko hartu dugun konpromisoa erabatekoa izan da". Konplizitatez begiratu dio Igone Goikoetxeak, Pozueta zer ari den bizitzen jakinda: "Gure bizitzaren parte bilakatu da auzia. Gutxi bizi gara oraintxe bertan. Baina gauza txarrekin bezala, minbiziarekin kasu, zure bizitza da eta horrekin aurrera egin behar duzu. Etxean jada ez ditugu elkarrizketa arruntak izaten, guztia Jokini laguntzeko bideratuta pentsatzen dugu". Estremerako kartzelan preso dagoen Jokin Unamunoren ama da bera. ARGIArekin egon direnean, 577 egun daramate preso Unamunok eta Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzekin batera, behin-behineko egoeran.
Txanponaren bi aurpegiak
Espainiako Auzitegi Nazionalak ekainaren 1ean eman zuen aditzera sententzia, epaiketa amaitu eta hilabete eta gutxira. Aritz Leoz eta Eneko Mendiluze altsasuarrek ez zituzten zigor eskaerok espero: "Itxaropentsu geunden, oso modu nabarmenean ikusi baikenuen epaiketak ez zuela zentzurik. Guztion sentsazioa zen beren muntaia hasieratik bukaerara gidoi batean idatzita zegoela. Sententziarekin agerian geratu zen kasu honetan justizia ez dela inondik inora atzeman. Egun horretan, jende askok negar egin zuen Altsasun". Bestelakoa zen, ordea, Pozuetaren eta Goikoetxearen susmoa. Zigorrok espero zituzten. Areago, badakite "Auzitegi Nazionala zer den", eta beren semeen kontrako sententziek ez dituzte harritu, beste akusatu batzuk baino "aldarri politikoagoak" dituztelako.
Igone Goikoetxea: "Gure bizitzaren parte bilakatu da auzia, gutxi bizi gara oraintxe bertan"
"Epaiketaren ondoren esaten genuen: judizialki irabazi dugu, baina gure abokatuek ohartarazi ziguten Auzitegi Nazionala judiziala ez ezik politikoa ere badela. Kontrola, mendekua eta Guardia Zibila ukiezina dela bermatzea du helburu", adierazi du Bel Pozuetak. Gainontzeko gurasoek, agian, epaia ezustean jaso zutela aipatu du Goikoetxeak, izaera desberdinetako pertsonek osatzen baitute bai Altsasuko Gurasoen taldea eta baita akusatuena ere. Izaera ezberdina izanagatik ere, borrokatzeko arrazoiak eta helburua partekatzen dituzte: "Hau erabat traumatikoa da. Militantzia baten ondorioz espetxeratzen bazaituzte, jakitun zara gerta zitekeela. Hau, berriz, guztiz desberdina da: bahitu eta bizitza lapurtzen dizute, gazteei nahiz senideei".
Txarrenari onena
Espero arren, semearen aurkako hamabi urteko kartzela zigorra burutik kendu ezinik igaro zuen epaia jakitera eman zen eguna Igone Goikoetxeak: "Beti min pixka bat gehiago ematen digute". Bestelako mezua igorri zion, ordea, Jokin Unamunok telefonoz. Terrorismoaren kalifikazioa kenduta "pozik egon behar lukeela" esan zion amari, hortik aurrerakoak ezin zuela okerragoa izan. Semea kementsu dagoela dio, datorrenari heltzeko indarrez. Estremerako kartzelan bisitarik eta laguntzarik jasotzen ez duten presoak ezagutu ditu, inongo sostengurik gabe bizirauten dutenak. Hauek ez bezala, herri oso baten babesa sentitzen dutela kontatu zion Jokin Unamunok amari. "Berandu bada ere, manifestazioetako argazkiak eta elkartasun mezuak jasotzen dituzte kartzelan", dio Goikoetxeak. Ekainaren 5ean atxilotutako lauek ere kalean bizitako elkartasuna eraman dute ziegetara eurekin, apirilaren 14ko manifestazioa kasu.
Eneko Mendiluze: "Sentitzen dugu indarraren poderioz lagunak bahitu dizkigutela"
Ariketa praktiko bat jarri zion Goikoetxeari semeak: "Egizu taula bat guzti honek ekarri dituen gauza on eta txarrekin". Semea preso izateak "ezerk baino samin gehiago" eragiten dion arren, Goikoetxeak jasotako babesa, elkartasuna eta borrokarako indarrak nabarmendu ditu: "Herritar zoragarriz inguratuta gaude". Hedabide sentsazionalistek Altsasu bitan banatuta dagoela saldu nahi duten arren, errealitatea bestelako da. "Herria inoiz baino batuago dago", dio Bel Pozuetak, egindako bidea zein nekeza izan den jakitun. Manifestazioetara, elkarretaratzeetara eta antolatzen dituzten hainbat ekimenetara ideologia askotariko bizilagunak joaten direla azpimarratu dute, babes emozionala ez ezik, ekonomikoa ere etengabea ari dela izaten diote. Honen aurrean, esker oneko hitzak baino ez dituzte, eta aldarri garbi bat: "Utzi Altsasu bakean!". | news |
argia-91e042786e6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/usopop.html | "Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu" | Kepa Matxain | 2018-06-24 00:00:00 | "Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu"
Datorren urtean beteko ditu hamar urte Usopop jaialdiak. Lagun artean sortu zuten, kalitatezko musika eta tratu humanoa erdigunean jarriz. Urtero saiatu dira gauza berriak probatzen, tokiekin esperimentatzen, baina tamainari eutsiz. Txikia da Usopop eta txiki nahi dutela diote Pantxika Gaicotchea Urricariet eta Joanes Garcia Basurko antolatzaileek. "Zerbait galduko litzateke bestela". Jaialdiaren historia eta aurrerantzean dituzten erronkak errepasatu ditugu haiekin.
Igande arratsaldea Sarako Santa Katalina kaperan. Bi kontzertu aski desiratu –Orbel eta Maria Arnal & Marcel Bages– falta dira Usopop jaialdia amaitzeko. Bezperan, euria medio, jaialdia tokiz aldatu behar izan zuten antolatzaileek, Lizarrietako berdegunetik Sarako polikiroldegira. Hala eta guztiz ere, ohi duten trebeziaz txukundu zuten aretoa, eta miresmenezko hitzak entzuten ziren bertaratutakoen artean. Lo gutxi egindako aurpegia dakarte batzuek, bezperan gaztetxean luze jo baitzuen gauak. Sartze-mahaian dauden Pantxika Gaicotchea Urricarietek eta Joanes Garcia Basurkok ere ez dute deskantsu handirik hartu izanaren tankerarik. Elkarrizketa egin bitartean, asko hurreratu zaizkie sarrerak gordetzeko eskatuz. "Jorgeren izenean bat", "lau Amaiaren izenean, mesedez". Bostak puntuan sarrarazi dute jendea, eta etenaldi baten ostean jarraitu dugu hizketan, hormaz bestalde Orbelen doinu pausatuak entzuten direlarik.
Orain artekoa ikusirik, aurtengoaren zer balorazio egiten duzue?
Pena izan da Lizarrietan egin ezina, Usopopen oinarria mendia delako, baina, gainontzean, aski positiboa. Gaualdi polita igaro genuen, jendea pozik zen, eta guk jendeari begira egiten dugu lan. Euskal Herriko bi aldeetako jende anitz etorri da, eguraldiarengatik agian iaz baino pixka bat gutxiago, baina kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea. Etorri da ohiko jendea, jende ona, kontzertuetakoa, eta festa giro ederra izan da. Diru pixka bat galtzen badugu ere, merezi izan du egitea. Hala ere, oraindik bi kontzertu garrantzitsu falta dira, eta, beraz, egingo dugu balorazioa datorren astean, pausaturik, ordu aski lo egin ondoren.
"Euskal Herri guztian barrena horrelako ekimenak antola daitezen nahi genuke. Txikiak, baina ugari, eta giza tamainakoak, gertuko tratua baimentzen dutenak"
Txikia eta kalitatezkoa. Ezaugarri horiek izan ditu jaialdiak hastapenetatik. Zerk bultzatu zintuzten halako zerbait antolatzera?
Jaialdia, funtsean, lagun talde batek sortu zuen. Patxi Dutournier eta gu biok laguntzaile ginen EHZn. Asko ikasi genuen elkarte horretan, baina beste zerbait sortzeko gogoz geunden. Euskal Herrian ez zeuden estetika batzuk topatu genituen kanpoko jaialdi batzuetan. Oroitzen naiz, era berean, Sigur Rós-ekoen DVD batean ikusi genuen bira bat egin zutela Islandian zehar, hango leku naturaletan barna. Ohartu ginen Saran bagenituela leku natural eta historiko ederrak, eta haiek berriz baloratuz, musika ohiko tokietatik atera genezakeela, eta beste zerbait eskaini, familientzat, belaunaldi desberdinentzat... Gaztetxe giroan ibilitako jendea ginen, guraso berri asko tartean, eta kasik eboluzio naturala izan zen halako zerbait antolatzea. Musikari dagokionez ere, ohiko estiloetatik kanpoko apustua egin nahi genuen. Donostian agian aukera asko izango dira, baina Saran ez. Ska, metala edo rocka entzuten zen, baina folka edo popa apenas. Erakutsi nahi genuen hor ere bazela euskal eszena aktibo bat. Euskal Herri guztian barrena horrelako ekimenak antola daitezen nahi genuke. Txikiak, baina ugari, eta giza tamainakoak, gertuko tratua baimentzen dutenak. Makrofestetara joateak nekatzen gaitu.
Erreferentziazko atzerriko jaialdiak aipatu dituzue. Adibide zehatzak aipatzerik bai?
Adibidez, Eskoziako uharte batean egiten den jaialdi txiki bat: Away Game. Edo Ingalaterrako Latitude festibala. End of The Road berak ere, handixeagoa izan arren, xarma gordetzen du. Era horretako jaialdiei begiratzen diegu, txiki-ertainak, zainduak, koherenteak. Eta batez ere: programatzen dutenak. Gero eta jaialdi gehiago daude fotokopiak direnak, kolorerik gabeak. Guri arriskatzea gustatzen zaigu, nahi ditugun taldeak programatzea.
Jaialdi nagusi honetaz gain, urtean zehar ere kontzertuak antolatzen dituzue, garrantzi berezia emanez tokiekin esperimentatzeari. Zergatik?
"Normalean, musika taldeek inguru hauetan jotzeko aukera gutxi izaten dute, eta, hortaz, haiek esfortzu bat egiten dute, eta guk ere bai"
Konfort eremutik ateratzen gaitu tokiekin esperimentatzeak. Zuzenekoak areto ilunetan bizitzera ohituta gaude. Baina zuzenekoak ez dira musika hutsa, lekuek badute arima bat, eta beste zerbait sortzea ahalbidetzen dute. Adibidez, oraintxe gauden kaperan antolatu ditugu jada hiru kontzertu. Beste soinu bat du, beste historia bat –herritarrek sortu zuten 1630ean–, ez da areto bat bezain hotza. Gainera, gustatzen zaigu jendeari leku bereziak ezagutaraztea. Usopop ez da kontzertu sorta bat soilik, esperientzia osoago bat baizik. Jendearen artean harreman berezia sortu nahi dugu, kalitatea eskainiz, horretarako talde gutxiago ekarri behar baditugu ere. Lekuak esperientzia bat sortzen laguntzen du. Halako lekuetan beste gauza batzuk pasatzen dira jendearen buruetatik, beste jarrera batzuk ditugu. Argi dugu talde berberak areto arrunt batean jarriko bagenitu publikoaren erdia ere ez litzatekeela etorriko. Jendearen erdia etortzen da esperientzia bizitzera. Taldeak ez ditu ezagutzen, eta primeran. Badaki tartean topatuko dituela gustukoak, eta une eder bat biziko duela.
Zifrek agintzen dute kulturgintzan. Azken aldian, nabari da kultur ekitaldiak kuantifikatzeko obsesio handi bat. Zuek, aldiz, aipatzen duzue Usopop handitzeak bere mamia galtzea ekarriko lukeela.
Txiki mantentzea hautu bat da, noski. EHZren eredua, adibidez, tarteko zerbait izan da, eta arazoak sortu dizkie ekonomikoki. Jaialdi txikietan hautu azkarragoak egin ditzakegu, ez gaude diruaren menpe, nahi duguna egin dezakegu. Guretzat zifrak ez dira garrantzitsuak. Noski, kontatuko dugu zenbat garagardo eta zenbat sarrera saltzen dugun, baina batez ere harremanei ematen diegu garrantzia, ea jendeak ondo pasatzen duen... Jaialdia handituko bagenu errentagarritasunaren logikan sartuko ginateke, eta hor beti zerbait galtzen da. Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu.
Espezie gutxitua sentitzen zarete?
Badira antzeko filosofiadun festibal batzuk. Ez da berdina, baina hor dago Jazpana adibidez. Edo sortu berri den Kaiola festibala. Gaztetxe mugimenduan ere badira arrunt ekimen interesgarriak. EHZk ere badu ukitu hori. Nahi genuke are gehiago zabaltzea eredu hori. Usopopek balio badu gazte batzuk inspiratzeko, eta haiek noizbait halako zerbait sortzeko –desberdina, beren estilokoa–, gu pozik. Gogoa duen jendea ausartu dadila.
Jaialdi txikia da Usopop, ez duelako handiagoa izatea bilatzen. Masifikazioaren ordez, musikazaleak elkartzea eta giro berezia sortzea lehenesten ditu (argazkia: Usopop).
Erraza al da urteak pasa ahala pasioari eustea?
Noski, tarteka badira estres uneak. Formula bera ez errepikatzeko, saiatzen gara urtero proiektuari berrikuntzaren bat egiten: egun bat gehitzen, agian kentzen, lekuz aldatzen… Duda uneak ere asko izaten dira, ea hautu onak egin ditugun, ea mikroek funtzionatuko duten... Eguraldiarengatik jaialdia Sarako polikiroldegira mugitzea, adibidez, erabaki gogorra izan zen. Gaur goizeko bostetan garbiketa egiterakoan aspertuta ginen, baina gero hona etorri, eta pentsatu dugu: merezi du.
Hain jaialdi txikia izaki, nondik ateratzen dituzue sosak halako mailako taldeak ekartzeko?
"Orain hamargarren urteurrena dator, eta hori eginen dugu, bai ala bai. Gero, ikusiko dugu"
Hasieran, bakoitzak gure sakelatik 200 euro jarri genituen. Lehen urtean uste baino jende gehiago etorri zen, eta nola Saran aski zuhurrak garen –barrez–, diru pixka bat atxikiz eta hurrengo urterako inbertituz hasi ginen. Gerora Euskal Kultur Erakundeak (EKE) lagundu gaitu, pixka bat soilik. Normalean, musika taldeek inguru hauetan jotzeko aukera gutxi izaten dute, eta, hortaz, haiek esfortzu bat egiten dute, eta guk ere bai. Prezio apalago batean agian, baina beti saiatzen gara artistei merezi dutena ordaintzen, eta ahal bezain ondo zaintzen, catering on bat prestatuz, adibidez. Harreman pertsonalek ere garrantzi handia dute: Belakok beren bosgarren kontzertua jo zuen gurean, zin egin ziguten itzuliko zirela, eta arrakasta lortu eta gerora, berriro etorri ziren, prezio merkean. Edo Bigottekin gertatu zitzaiguna... Beasainen ginen, Jazpanan, mozkortu samar, joan ginen pixa egitera eta topatu genuen Bigotteko abeslaria. Festibal bat genuela eta ea etorri nahi zuen bota genion, prezio merke samar batean. Eta hark baietz. Managerraren zenbakia pasa zigun, handik gutxira idatzi genion eta baietz, ez zuela ahantzirik. Eta halaxe etorri zen. Behin hona etorrita, berriz etorri nahi izaten dute, badakitelako zer topatuko duten: arretaz entzungo dituzten benetako musikazaleak.
Jaialdiaren erdigunean jartzen duzue euskara. Ze eragin du horrek Sara bezalako herri batean?
Euskararena, neurri batean, hautu naturala da. Gutako batzuei normala zaigu euskaraz aritzea. Baina bestalde, nahita egiten dugun zerbait ere bada. Hastapenetan, gehiago jotzen genuen itzulpenetara: garagardoa / bière, eta abar. Orain ez dugu itzulpenik egiten. Alemaniara joaten bazara, alemanez garagardoa nola eskatzen den ikasi beharko duzu. Hemen berdin. Sara herri euskalduna da, baina euskaldun pasiboa. Garai bateko jende guztiak badaki euskaraz, baina askok ez dute transmititu. Hala ere, gazte gehienek ere badakite euskaraz zer edo zer, eguneroko ohiturak aldatzea falta zaie. Saratarrek natural bizi dute euskara hutsezko afixak ikustea. Halakoa da Iparraldeko egoera. Jendeak beharbada ez du euskara asko erabiliko, baina normala zaio gauzak euskaraz ikustea. Hala da eta kito. Ez dute inposaketa bezala bizi.
Nolakoa izaten da festibalaren biharamuna? Ze erronka datozkizue orain?
Gogoetatzen ari gara jarraitu ala ez. Urtero zalantza bera izaten dugu. Orain hamargarren urteurrena dator, eta hori eginen dugu, bai ala bai. Gero, ikusiko dugu. Gustatzen zaizkigu Astra bezalako proiektuak, edo Oñatiko Eltzia bezalakoak... sozialki azkartzen dute kulturgintza. Beharbada zerbait desberdina egiten hasiko gara noizbait, baina beti kultur arloan. Izan Usopop edo izan beste edozer, ez gaude geldirik egoteko. | news |
argia-e3245edeb8ee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/ekaineko-hamaika-egun-edo-politikaren-zingoa.html | Ekaineko hamaika egun edo politikaren zingoa | Karmelo Landa | 2018-06-24 00:00:00 | Ekaineko hamaika egun edo politikaren zingoa
Itsaskirria nabarmendu da politikaren eremuan ekaineko lehen hamaika egunetan, ohikoa baino aldakorrago jo duten haize boladen eraginez, baina ur sakonetan murgildurik, zaila eta nekosoa da politikagintzaren ur abisaletan gertatzen ari diren mugimenduak ezagutzea eta neurtzea. Nekosoa bezain beharrezkoa.
Ekainaren hasierarekin batera gertatu zen lehen ustekabea: garaile atera zen zentsura mozioa, eta ondorioz, Mariano Rajoy eta PP Espainiako Gobernutik egotziak izan ziren, azkenean. Inork ez zion baina, astebete lehenago aukerarik ikusten mozioari. Zergatik atera zen garaile? Zer mugitu zen horretarako politikaren zingo ilunetan?
Ekainaren 2an, berriz, Katalunian Govern berria eratu zen, aurretik Quim Torrá president-ak kontseilari espetxeratuen eta atzerriratuen ordezkoak izendatuta. Zerk eragin zuen aldaketa eta zer norabide, zer aukera berri izan dezake Govern berriak orain?
Hirugarren ustekabea: zentsura mozio garailearen ondoren, Pedro Sanchezek aurkeztu zituen Gobernuaren partaideak. Zer ordezkatu nahi dute? Norantz abiatuko da PSOEren gobernu esklusibo hori? Zer zulo estali nahi du, zer helburu lortu?
Espainian ez dago aldaketa politiko sakonetarako masa kritikorik, eta hori badaki Sanchezek, Podemosek hori bera onartu nahi ez duen neurri berean. Kataluniara begira elkarrizketa keinuak egiten ditu Sanchezek, eta haren ministro batek dio orain 78ko Konstituzioan aldaketak egin behar direla. Keinu hutsalak dira, hurrengo hauteskundeetara begira posizio ona lortzeko lasterketan
Lehen kontuari begira, ez du Sanchezek irabazi, Rajoyk eta PPk galdu dute. Eskandaluz galdu dute Gobernuan jarraitzeko sinesgarritasuna. Deskalabrua izan da, Espainiako Estatuaren botere ezkutuen konfiantza ere galdu arte. Hain nabarmen ezen botere horiek hasiak baitziren azkenaldian konfiantzazko alternatiba berria Gobernurako hezten, Ciudadanos alegia. Baina ez dira garaiz heldu. Botere faktiko horiek PPren naufragiotik emergentzia batean atera behar izan dute, ordezko enbarkazio propioa oraindik ontziolan eta berde zeukatela. Ezin Ciudadanosen eskuetan utzi beraien interes sakratuak. Nago ez ote zaion antzeko zerbait gertatu gurean EAJri, hamar eguneko epe laburrean PPren gobernuari konfiantza berrestetik (aurrekontuak) Rajoyren aurkako botoa ematera (mozioa) arrapaladan aldatu denean.
Arestian esandakotik ondoriozta daiteke Espainian eskuina eta botere faktikoak ordezkaritza politiko propiorik gabe, umezurtz, gelditu direla PPren deskalabrua eta Ciudadanosen alboratzea gertatu direnean. Hala dirudi, baina horrela da benetan?
Sanchezen gobernu berriaren osaketa aztertzeak erantzuten du, neurri batean bederen, galdera. Sanchez ez da abiatu, ikus daitekeenez, mozioaren alde agertu ziren alderdien nahiak asetzeko asmoz. Zergatik? Espainiako Estatuaren benetako agintarien nahiak asetu beharrean sentitzen delako. Hori da, hain zuzen, 1978ko trantsizio politikoa hasi zenetik, PSOEk asumitu duen eginkizun historikoa.
Hauxe da, ondorioz, Sanchezen gobernu berri horren ataza: 78ko ereduari eutsi; banku handiak, enpresa elektrikoak eta lobbyen interesak bermatu; ate birakarien jokoaz goi finantzen eta politika goi karguen arteko identitatea bermatu; erregea eta koroa egonkortasun/aldaezintasunaren gako bezala zaindu, eta gauza guztien gainetik, gaur egun, Espainiaren lurralde-batasun sakratua kosta ahala kosta ziurtatu. Gobernu berriko ministroen curriculum eta trebakuntza kasu gehienetan horretara bideratzen da nabarmen.
Espainian ez dago aldaketa politiko sakonetarako masa kritikorik, eta hori badaki Pedro Sanchezek, Podemosek hori bera onartu nahi ez duen neurri berean. Kataluniara begira elkarrizketa keinuak egiten ditu Sanchezek, eta haren ministro batek dio orain 78ko Konstituzioan aldaketak egin behar direla. Keinu hutsalak dira, hurrengo hauteskundeetara begira posizio ona lortzeko lasterketan. Hauxe baita PSOEren beraren kezka nagusia orain.
Aukera izan nuen ekainaren 9an Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Legebiltzarrak antolatu duten Herritarren Foroan parte hartzeko, Bilbon; Euskal Herriko autogobernua gauzatzeko baldintzak aztergai izan genituen goiz oso batez. Hurrengo egunean, berriz, ekainaren 10ean, Gure Esku Dagok deitutako giza kate erraldoi arrakastatsuan. Prozesu konstituziogilea gurean ari da abiatzen, ur sakonetan. | news |
argia-ae09c55ce44e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/sekulako-energia-erauntsia.html | Sekulako energia erauntsia | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-06-24 00:00:00 | Sekulako energia erauntsia
Disko ederra egin du Voltaia taldeak. Punk stoner rock zurrunbilo bat da, sekulako energia erauntsia. Erritmoak biziak eta jostalariak dira, kanta hastearekin batera eramaten gaituzte, eta soinua oso indartsua da, bateriaren eta baxuaren erritmo oinarri sendoaren gainean gitarraren riffekin eta marrazkien ederki osatua.
Halaber, aipagarriak dira ahotsak eta harmoniak, melodia politak sortu dituzte, eta gainerako ñabardurak, xehetasunak eta moldaketak arreta handiz gauzatu dituzte. Oso ekoizpen lan ona egin dute, azken batean.
Hasieratik rock gogorra jo izan dute, 70eko hamarkadako hard rockaren eraginak nabari zaizkie, lan honetan ere bai, baina beren doinua ez da lehen bezain gogorra. Bilakaera bat izan dute eta orain melodiak nabarmenago sumatzen dira.
Harremanak, desioak, izatea, bizitzaren zentzua eta arazo sozialei buruz mintzo dira kantetan, gordin: "Infernu honetan zerua ez da ikusten" (Zure bila) , "Deabruaren hirian biztanle bihurtu gara" (Dekadentzi ritmiko) , "Ez dakigu non ezkutatu, bizitzeko gogoz" (Bizi gogoak ), "Aurrera ezin eginik zentzuak ditugu minduta, jarraitu ezinik" (Odisea) , "Bizitza hautsi zitzaigun, mila zatitan apurtu, berriz erortzen banaiz heldu nazazu" (Erortzen ).
Voltaia taldea Zumaiakoa da, 2014an sortu zen, eta lau urtean hiru disko kaleratu ditu. Oso ibilbide emankorra egiten ari dira, diskoez gain jendaurreko emanaldi ugari egin baitituzte denbora honetan.
Unai Eizagirre (ahotsa eta baxua), Ion Brakamonte (gitarra) eta Pablo Sanchez (bateria) dira orain taldeko partaideak, Jon Duran bateria jotzaileak 2017ko otsailean taldea utzi eta Pablo Sanchez hasi baitzen taldean jotzen.
Disko berria aurtengo otsailean kaleratu eta han eta hemen jotzen ari dira. Aurten emanaldi ugari egin dituzte, eta oraindik egingo dituztenak. Besteak beste, uztailaren 6an Oviedon (Asturias), uztailaren 7an Lugon (Galizian), uztailaren 29an Donostian, irailaren 1ean Irunen, irailaren 7an Legorretan eta urriaren 6an Orion. | news |
argia-84cad654a86f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/katrin-ginea-geltoki-bateko-gidari.html | "Pertsona helburu duena da ekonomia solidarioa" | Xabier Letona | 2018-06-24 00:00:00 | "Pertsona helburu duena da ekonomia solidarioa"
La Roncalesa, La Burundesa edo beste hainbat konpainiaren bilgune zen Iruñeko autobus geltoki zaharra ekonomia solidarioaren erdigune da ekainaren 9az geroztik. Katrin Ginea ari da proiektuaren koordinatzaile lanetan. Leihatila zaharrean txartela hartu eta hamar laguneko kooperatibak mundu berriranzko bidaiari ekin berri dio.
Zer egingo du Geltokik?
Ekonomia solidarioa, ekonomia burujabetza eta kultura alternatiboa bultzatuko ditugu. Hiru jarduera molde horien bozgorailu izan nahi dugu.
Juridikoki nola osatua dago?
Geltoki Iruñeko Udalarena da eta Asociación Geltoki Iruña elkarteari (REAS Nafarroa, Emausko Trapuketariak, CEPAEN, EHNE eta Alimentos Artesanos) esleitu dio espazioa alokairu truke. Honek gure kooperatiba sortu berriari eskaini dio kudeaketa.
Zein inbertsio eskatu dizue?
Fiare banku etikoari 80.000 euro eskatu eta abiatu gara. Beste 16.000 euro behar ditugu eta crowdfunding kanpaina jarri genuen duela egun batzuk, ekainaren 30a arte.
Zer da ekonomia solidarioa?
Ekonomia kapitalistan pertsona etekina lortzeko tresna besterik ez da. Ekonomia solidarioa, pertsona helburu jartzen duen ekonomia da.
Eta kontsumo arduratsua?
Giltzarri da, bestela egon daitezke hamaika alternatiba, baina horiei herritarrek gure patrikatik erantzuten ez badiegu, edo produktuak nondik eta nola datozen kontuan hartzen ez badugu, jai dago.
Lehiara datorren espazio berri bat da?
Ez, ez gatoz asmo horrekin, beste hainbat ekimen eta jarduerarekin osagarriak gara eta elkar elikatzera gatoz. Esaterako, eskertuak gaude Katakrakek eskaini digun laguntzarekin.
Argazkia: Josu Santesteban
Zuek ere mundua aldatzekotan ari zarete?
Geure neurrian bai, azkenean guztiek pixkatxo bat egiten badugu aldaketa handiak egin daitezke. Denbora laburrean ezin da aldaketa handirik lortu, baina pixkanaka bai.
Ez dakit ondo goazen: 83 pertsonak munduko biztanleen erdiak adina aberastasun biltzen du jada.
Egia eta tristea da. Klase ertainak gero eta urriagoak dira, antza. Gu txikiak laguntzeko jaio gara, esaterako landa eremuak, eta horretan arituko gara. Herritarrak landa eremuak uzten ari dira, eta haiek han manten daitezen laguntzea funtsezkoa da.
Elikagaien esparruan gertukoarekin eta ekologikoarekin egingo duzue lan. Mundu horiek gorantz doazela dirudi.
Bai, bestela ez genuen Geltoki abiaraziko. Balorean jarri nahi dugu bertakoa, eta baita ekologikoa, sasoikoa eta merkataritza justua ere. Kate guztia errespeta dadila nahi dugu: lan baldintza duinak, produktuaren kalitatea, natura errespetatuz…
Geltokin zer dira lan baldintza duinak?
Gutxieneko bat kobratzea eta ordu estrarik ez egotea, adibidez. Hemen ez da hierarkiarik eta modu asanblearioan egiten dugu lan, guztiz horizontalean. Denok dugu ahotsa eta botoa, eta denok egingo dugu lan ordu kopuru bera. Orain hasiera da eta aparteko ordu asko egiten ari gara, baina dirutan kobratu beharrean ordu horiekin poltsa bat osatzen ari gara gero oporrak hartzeko.
Etekinak…
…lanpostu gehiago sortzeko izango dira, proiektua sostengatzeko eta kultur jarduerak antolatzeko.
Eta gainera "gizarte eraldaketarako tresna gisa geure egingo dugu artea" diozue. Zer esan nahi duzue?
Gaur egun artista txiki asko ezin dira gune handietara iritsi –ondoan dugun Baluarte honetara, esaterako–, gainera akaso ez dute nahi, eta hemen txiki horiek guztiek tokia izango dute. Geltokin betiko gauzak egingo ditugu, baina baita bestelakoak ere.
Hasierak nahiko oihartzun izan du.
Bai, hala da. Iruñean halako gune bat behar zela entzun da batez ere, eta jakina, autobus geltoki zaharra oso ederra da halako jarduera baterako. Zenbat jende datorren hona bere geltoki garaiko oroimenekin! Jendeak maite du toki hau.
Aipatzen dituzun guztiez gain, zuen jardueraren aztarna ekologikoa ere neurtu behar duzue.
Guk antolatutako jarduera guztiek izango duten C02 isurketak neurtu nahi ditugu. Lehenbizi gure kontsumoa neurtu behar da –gurea eta gurera datozenak, hizlariak, ikus-entzuleak…–; bigarrenik energia berriztagarriak lantzen hasi; eta hirugarrenik landareak landu edo bestelakoak, suntsitutakoa berreraiki ere egin behar delako. Jakina, aztarna gutxitzen joatea da kontua.
Geltoki deitzen da, ez Estación.
Hizkuntza politika oso garrantzitsua da guretzat. Euskara bertako hizkuntza da eta hemengo komunikazio guztia elebiduna izango da. Langileen artean bada euskalduna ez den jendea, baina gutxieneneko batzuk eskatu ditugu, eta taldea euskalduntzen jarraituko dugu. Kultur jarduera asko ere euskaraz izango dira.
Hau zer da, oasi bat Iruñeko Alde Zaharra eta Bigarren Zabalgunearen artean?
Ez, Iruñean badira halako errealitate asko, baina honek badu bilgune izateko bokazioa eta gainera asko entzun da. Ez dugu oasi izan nahi, hemendik Iruñea eta Nafarroa osora zabaldu nahi dugu. | news |
argia-d7318bf536ff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/heteroklitoaren-separata.html | Heteroklitoaren separata | Igor Estankona | 2018-06-24 00:00:00 | Heteroklitoaren separata
Orrialdeotan esan genuen azken iruzkinean ere: Susakoen Munduko Poesia Kaieren bildumara iritsi behar zuen halako batean Ezra Poundek (Hailey, Idaho, 1885–Venezia, 1972). Luigi Anselmik prestatu digun bigarren ustekabekoa bakan horietakoa da ordea: Cathay, 1915an Poundek argitaratutako itzulpen lana, Txinako poemen antologia japoniarrarena. Ernest Fenollosa orientalistaren ohar batzuetatik abiatu zen. Fenollosak sakon batu, aztertu eta itzuli zituen ideograma eta poema txinatarrak, eta bere koaderno osagabeak emazteak eroan zizkion Poundi, lana buka zezan. Txinerarik jakin barik, erdi asmatuz erdi itzuliz itzuli ezin dena, Poundek irauli egin zuen itzulpengintza, eta are poetika bera. Lakonismo narratiboarekin hunkitzen gaitu ordutik, gu, erretorikan jaioagoak garenok: "Alor, alor deboilatuak/ Eta haien gainean gerlako umerik ez/ Ez gizonik erasoka edo defentsan./ Ai, jakiterik bazenu Iparraldeko Ateko atsekabearen berri!/ Ribokuren izena jadanik ahantzirik,/ Eta gu, zaindariok, tigreen bazka".
Cathay Ezra Pounden gainontzeko poema guztien oinarrian dago. Gauzak esateko modu zuzen, ederra aurkitu zuen; konturatu barik lirismoa egitea: "Fenix hegaztiak jolasean dabiltza beren terrazan./ Fenixek alde egin dute, ibaia bere bideari lotzen da bakarrik./ Liliek eta belarrak/ bide iluna estaltzen dute;/ bertan dago Go-tarren etxe dinastikoa".
Errimarekin eta kiribilarekin barik, zuzenago doa poeta metaforarik gabe inkontzientearen forma klasikoetara. Kontzepzio bat sortu zuen askotan sentimendu arraro bihurtzen dena, irudi bailuke maiz zerbait esateko modu bakarra kausitu duela, ez dagoela modu hoberik zer edo zer hori esateko, Rihakuk mila urteko poesia txinatarraren dekantaziotik sortua ekartzen duenean legez: "Eta larrazken gardenean zehar so egiten diot ilargiari". Negargura ematen du, eta ez dakizu zehatz zergatik. Xamurtasunagatik. Perfekzioagatik. Usainagatik. Poema sinplearen zailtasunaz gozatzeko liburu fin-fin bat da finean Cathay . Metafora poema bilduma osoa da, liburua bera. Ekialdea nola loratu zen, eta betiko finkatu, mendebaldeko victoriar gustuaren erdian. | news |
argia-f68574d8c7a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/indarkeria-birtualak.html | Indarkeria birtualak | June Fern�ndez | 2018-06-24 00:00:00 | Indarkeria birtualak
Ez naiz psikologian aditua, baina badakit bidegabekeriak eta biolentzia normalizatzea norbanakoaren babes mekanismo bat dela. Ezkertiarrak eta konprometituak izan gaitezke, hala ere, indarkeriaren bat normalizatzeko "beharra" izango dugu. Gaza, Nikaragua, ez ahaztu Siria. Altsasuko gazteak, Valtonic , La Manada, Helena Maleno, Proactiva Open Arms , Mame Mbaye, Huelvan marrubiak biltzen dituzten langileak. María del Sol Cruz Jarquín argazkilaria hil dute Mexikon hauteskunde kanpainaren berri ematen ari zela. Marielle Franco gogoan. Gure bihotzak ezin du horrenbeste amorru eta samin sostengatu, hildako eta preso guztiengatik negar egin, asaldatu eta ardura hartu.
Brigitte Vasallo idazlearen esaldi bat daukat burmuinean tatuatua: "Denok gara ezjakinak, baina ezaxola erabaki bat da". Zaila da baina, geografikoki edo biografikoki urrunago sumatzen ditugun errealitateekiko axolagabekerian ez erortzea. Indarkeriak hierarkizatzea izango da beste babes mekanismo bat: "Ez da hainbesterako" esaten diogu gure buruari, baita bortizkeria horren biktimak garenean ere.
Nortzuk dira gu kikiltzeko bidaltzen dizkiguten argazkietan agertzen diren hildako emakumeak? Txio horiek jasotzen ditugunean –babestuta izanda ere– sentitzen dugun izua, haserrea eta ezintasuna nola metatzen da gure barruan eta nola mugatzen du gure adierazpen askatasuna?
2011. urtean irain eta mehatxu pilo jaso nuen interneten bidez lehendabizikoz; martxoan SOS Arrazakeriaren bozeramaile nintzen eta abenduan nire blogean eguneroko matxismoari buruz idatzi nuen. 2012. urtean Pikara -ko kolaboratzailea den Alicia Murilloren kontrako jazarpen kanpaina antolatu zuten ForoCoches webgunean, kristauen Hamar Aginduen parodia bat egin ondoren. Lehenengo egoera horiek asaldatu ninduten, baina urteetan koraza gogortu zitzaidan. 2016an Brigitte Vasallok Pikara -n Koloniako bortxaketen erabilera xenofoboa salatu zuenean, irain eta mehatxu uholdeak ez ninduen asaldatu. Pentsatu nuen Brigitten korazak "Moro batek bortxa zaitzala!" txioen efektua arinduko zuela. Momentu horretan ni Erdialdeko Amerikan bizi nintzen. "Europako feministok ez dakigu zer den benetako mehatxua, benetako arriskua", esaten nion nire buruari. Indarkeriak hierarkizatu nituen eta jasangarriak iruditzen zitzaizkidanak normalizatu.
Eskerrak Andrea Momoitio Pikara-ko nire lankideak sare sozialetako jazarpena ez normalizatzea erabaki eta galdera inportanteak plazaratu zituela: nortzuk dira feministak iraintzen dituzten gizon horiek? Ordenagailua amatatzen dutenean, zer tratu ematen diete euren inguruko emakumeei? Nor dira gu kikiltzeko bidaltzen dizkiguten argazkietan agertzen diren hildako emakumeak? Txio horiek jasotzen ditugunean –babestuta izanda ere– sentitzen dugun izua, haserrea eta ezintasuna nola metatzen da gure barruan eta nola mugatzen du gure adierazpen askatasuna?
Irantzu Varela da seguru asko egun sareetan indarkeria bortitzena bizi duen euskal feminista. Bere bideoak Youtubera igotzen ditugunean eta iruzkinak desaktibatzea ahazten zaigunean, beren kontrako gorrotoaren lekuko izaten gara. Irantzuk Shakiraren Loca, ciega, sordomuda -ren parodia egin du "Putas, feas, malfolladas" , jasotzen ditugun irainak erabiliz. Proetarra eta bollera dira beste bi hitz klabeak. Bideoa txiokatu eta 140 iruzkin jaso ditu, gehienak iraingarriak. Bortizkeria hori umorez eta sendotasunez eramaten saiatu da Irantzu, gorrotoa are gehiago piztuz, baina gertu gaudenoi onartu digu kalte psikologikoa eragiten duela goizero Twitterren sartu eta ehunka eraso topatzeak. Indarkeria mota anitzak ulertzen lagundu digu Irantzuk bere hitzaldi, tailer eta bideoetan, indarkeria sinbolikoa barne. Bera bizitzen ari dena ez da birtuala. Patriarkatuaren kontra borrokatzen dugunon isilarazte saiakerak ez dira birtualak. Gure ardura ez da birtuala. | news |
argia-4b675302c88b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/william-a-douglass-amerikarraren-erroak-nafarroan.html | "Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna" | Miel Anjel Elustondo | 2018-06-24 00:00:00 | "Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna"
Euskal Herrian barrena ibili da oraindik orain William A. Douglass antropologoa. Inork uste ez duela etorri ohi da, eta han eta hemen ibili ondoren hegaldatzen da berriz. Hemen denean, konpromiso ofizialak bete eta, hutsik gabe, beti da ateak zabaldu zizkioten herri bietan, Etxalarren eta Aulestin. Bertan ditu amerikarrak euskal erroak.
Etxalarren ibilia zara duela gutxi, bertakoa duzu lehen kontaktua Euskal Herrian, iragan mendeko 60ko hamarkadaren hasieran.
Euskal Herrira etorri baino lehen ere, Caro Baroja irakurtzen hasia nintzen, Chicagon, Antropologia ikasketak egiten ari nintzela. Bizpahiru liburu nituen irakurriak. Betikoak, Los pueblos de España, Los Vascos eta besteren bat. Ez askoz gehiagorik, baina horiexek, seguru. Julian Pitt-Rivers antropologoa tesi-zuzendari izatekoa nuen, baina artean Chicagora heldu gabe zen. Bitartean, esan dudanez, ni Caro Baroja irakurtzen, nire landa-lana Euskal Herrian egiteko asmoa gogoan hartua.
Zer dela-eta Euskal Herria?
Egia esan, oraintxe ez dakit. Los pueblos de España irakurri eta barruan jo ninduela badakit. Baina izan zitekeen Galiziara jotzea ere, ez uste. Julian Pitt-Rivers eta Caro Baroja adiskide ziren, Pitt-Riversek berak Andaluziako herri baten gaineko ikerketa aitzindari bat egina zuen, aritua bezain aditua zen, baina Caroren liburu hartan euskaldunak gertatu zitzaizkidan deigarrien, eta Los Vascos irakurri nion. Eta, ondoren, Los pueblos del Norte. Hortaz, Julioren [Caro Baroja] leihotik sartu nintzen Euskal Herrira, eta sartuz gero, etxean gora eta behera nahitara ibili naizela esan beharko nuke.
1959an Madrilen ikasten ari zinela ez zenuen Euskal Herriaren berririk.
Ezta batere. Renon, esate baterako, Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten ari nintzela, Nevadako ikastetxe katoliko pribatu bakarrean, euskaldun zirenak ezagutu nituen, bizpahiru, baina italiartzat neuzkan. Haien deiturei bestelako tankerarik ezin eman nik orduan… Ari naiz, baina zerbaiten aditzea izango nuen, beharbada, ordurako lehen euskal amerikar jaialdia egina baitzen Renon. Jakina, ni ez nintzen bertan izan, Madrilen ari bainintzen ikasten. Bestalde, Robert Laxalten Sweet Promised Land ere argitaratua zen ordurako, eta baliteke horren aditzea ere izatea nik, baina seguru da ez nuela irakurria. Ez dakit. Beharbada dena asmatzen ari naiz, 50 urte baino gehiago igaro direnean horixe egiteko joera makurra baitugu denok, historia asmatzeko tirria. Beharbada, geroztik bizi izan dudanaren arabera ari naiz ordukoa berrinterpretatzen. Batek daki.
Argazkia: Zaldi Ero.
1963an heldu zinen estreinakoz Euskal Herrira, antropologoari dagokion landa-lanean. Nolako herrialdea zitzaizun?
Caro Baroja irakurria nuenez, ez nuen ustekaberik jaso. Caro Barojaren liburuek ilustrazioak ere bazituzten, hantxe ageri ziren Bortzirietako baserriak eta beste, eta errealitatea ez zen oso diferentea. Beste aldetik, nahiko lan banuen, hogei urtetsu nituen, emaztea, eta urtebeteko haurra. Alegia, Euskal Herriari buruzko irudi sendorik ezin izan, ez nekien zer ikerlan egin nahi nuen ere, herri txiki bat nahi nuen, bertako eguneroko bizimoduan murgil egin. Gainerakoan, ez nuen ikergairik. Galduta nenbilela esatea ez da gehiegi, kasu honetan.
Zein duzu lehen gomuta?
Etxalarreko ostatura egin nuen sarrera, bertako nagusi Salbadorarekin egindako hitzak. Berak jarri ninduen harremanetan Sarobetarrekin. Hauek alaba zuten Parisen, lanean, eta berea zuen Agerrea etxea, eraberritua ordurako, turistaren bati errentan emateko asmotan. Horretan aitzindaria izan zen emakume hura, 1963an Etxalarren inork ez baitzion turismoari usainik hartzen. Orain 40 landa-etxe dira. Kontua da Agerrean ostatatu gintuztela. Herritarrek begirunez hartu ninduten, begirune handiz, baina, jakina, Etxalar kontrabando herria zen, eta ezinezkoa zen herritarrek guri etxeko ate-leiho guztiak parez pare irekitzea. Horretan ginela, familia baten etxean bizi behar genuela erabaki nuen, nire ikerketa albait ondoen egite aldera. Herrian bazen agure bat, oso euskaltzalea, Papillo Danboriena, Adela eta Anjel Saroberen osaba. Papillok euskarazko lehen ikasgaiak eman zizkidan. Ez genuen gramatikarik ez antzekorik, beraren jakituria eta nire koadernoa besterik. Oharrak hartu baizik ez nuen egiten, aditzen konjugazioari zegozkionak eta beste. Arian-arian, Papillo eta biok adiskide eta lagun egin ginen, eta iloba ere ezagutu nion, Jesus Danboriena. Denborarekin, harremanak estutu genituen Danboriena eta sarobetarrekin. Hauekin, esaterako, batera ginen karrikan arratsaldero, kasik semetzat hartu zuten gure haur urtebetekoa, Johnny; euskaraz solastatzen zitzaizkion. Horrelaxe trabatu ginen. Eta, hurrena, familia baten barruan bizitzea erabaki nuenean, Jesusek beren Buxungobordako ateak zabaldu zizkidan, nik baserrian bizi nahi bainuen.
Antropologia sozialaren arabera jokatu nahi zenuen zuk.
Bai, bada. Ikergai nuen komunitatearen baitan urtu behar nuen neure burua. Agerrea herrian bertan zegoen, eta dago, baserri mundua bertatik bertara nuen, baina gure eguneroko errealitate hartatik aparte, hala ere. Herriko artxibategiak arakatu nituen, baina galdetegi bat osatu eta etxez etxe galdezka hasi nintzenean baserrian bizitzea hobetsi nuen, familia baten baitan, egiazko egoera biziz, eta euskara ere praktikatuz, ahal nuen neurrian. Etxalarrera heldu eta hilabete batzuetara, Buxungobordan hartu gintuzten, eta pozik. Pozik ni, pozik haurra, ez hain pozik emazte Patrizia, hari aspergarria baitzitzaion baserriko bizimodua, goizetik arrats mendian egon behar hura. Nik, azken finean, nire lana nuen, Buxungobordatik herrira jaisten nintzen, artxibo lanera, eta etxez etxe eta baserriz baserri ere ibili ohi nintzen, datuak biltzen. Zaila izan zen Patriziarentzat, haurra Etxalarren hazi beharra neke izan zitzaion. Errazago zukeen Johnny txikia Chicagon apartamentu batean haztea, hangoa baitzen nire emaztea, ezen ez Buxungobordan, mendian galdua... Urtea egin genuen Etxalarren, eta ondoko bizpahiru urteetan ere Euskal Herrira itzuli nintzen, Etxalarrera eta Aulestira, ikerketa biribiltzera.
Zer izango ote zen Euskal Herrira Etxalarretik ez baina Erriberako Tafallatik sartu izan bazina, adibidez?
Ezin esan. Baliteke ikerketa mamitsua ere egin izatea, baina bestelakoa izango zen. Espekulazio hutsa da. Pitt-Riversek berak Euskal Herrira etortzeko baimenik ez, eta Albacetera (Espainia) joateko agindu izan balit, auskalo zer izango zen hura. Nire lana egingo nukeen, eta kito. Ikasle garaian ez nuen Euskal Herriarekiko atxikimendurik, maia ikasketak egin nitzan nahi zuten Chicagoko irakasleek. Ez ziren sobera tematu, baina tematu izan balira, Chiapasen (Mexiko) egin nezakeen tesia.
Zenbateraino markatu zintuen Etxalarrek?
Ikaragarri baino gehiago. Renon jaiotzeak bezainbeste. Renon sortu nintzen mundura, baina nire baitako antropologoa Etxalarren eta Aulestin sortu zen eta, horri dagokionez, erabat hemengoa naiz. Eginak ditut ikerketak Italian, Australian, han eta hemen, beste zenbait ikerketa-lerro ere jorratu ditut, bai, baina munduan ez dago Etxalarrek eta Aulestik bezainbat markatu nauten herririk. Ez dago. Eta ez ziren bi urte baino gehiago izan.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zer diozu orduko garaiaz?
Etxalarren landa-lanean hasi nintzenean ez nekien, ez nintzen jabetzeko gai, baina lana aitzinatu arau jabetu nintzen, banekien ziztuan itzaltzen ari zen mundu bat ikertzen ari nintzela. Bistan zegoen. Une historiko biziki interesgarria zen. Hura gehiago zen Espainia Euskal Herria baino. Euskaldunek ez zuten beren buruen gaineko ardurarik, bestek erabakitzen zuen hemengoen etorkizuna, ez zegoen autonomiarik, ez euskara baturik, ez euskal kulturaren alde egin diren ahalegin galanten parekorik. Hein batean, zigorpean zegoen guztia, baina, bestalde, herrietako agintariek bertako kulturaren aldeko erakusten zituzten beren buruak, nahiz eta Espainiaren barruan nahi zuten Euskal Herria. ETA hasita zegoen, baina ez ziren asko, ez zen Espainiako Estatuaren kontrako mehatxua ere. Bestalde, inork ez zekien noraino helduko zen etorkizunean.
Etxalarretik Aulestira jo zenuen ikerketan.
Zeharo diferentea izan zen. Bertako parroko On Emiliok [Kortabitarte] kasik gu hartzera behartu zituen Goitiandia etxekoak. On Emiliok hartu zuen erabakia, ez Goitiandikoek. Egia da bertako nagusi Frantzisko AEBetako mendebaldean artzain egona zela, bi seme zituztela Boisen (Idaho), eta giro horrek, nahitaez, erraztu egin zuela gauza. Arestian esan dizut Etxalar kontrabando herria zela, isil-misilka bizi zirela. Aulestin, aldiz, parrokoak berak jo zuen Goitiandiko aldaba, atea eraitsi zuen, esateko moduan, eta baimen horrekin eta misteriorik gabe sartu ginen herrian. Are gehiago, On Emiliok herria niri laguntzera bulkatu zuen eta, hain seguru, bera ere niri abertzaletasunaren bidea erakusten tematu zen. Etxalarren ez zen horrelakorik. Etxalarren abertzaletasuna auzoan zegoen. Alabaina, Bortzirietako herri gorria izateko aipu eta sona zeuzkan, Espainiako gerra baino lehen egindako hauteskundeetan Errepublikaren alde bozkatu zuen herri bakarra izan zelako.
Orduko Euskal Herri hura gogoan, nola ikusten duzu gaur egungoa?
Ez daukat erabateko erantzunik. Zatika jardungo dut… Politikoki, zer edo zer baino gehiago lortu dute euskaldunek. Piztu egin dira. Hizkuntzaren aldeko lana parekorik gabea da munduan, haserre, sesio eta liskar guztiak gorabehera. Euskararen estandarizazioa, irakaskuntzan egin den lana, hedabideetan… ikaragarria da. Etxalarren nengoen garaian ezin aurreikus zitekeen oraingo eguneko egoerarik. Hurrik eman ere. Kultur ekimenaren jabe dira euskaldunak, ekonomiaren ekimena ere beren esku dute, eta are, baita ekologiaren ekimena ere. Berehala pentsatuko nukeen! Beren herrialdearen buru dira euskaldunak gaur egun, beren paisaiaren jabe bezainbat. Nork sinetsi hori Etxalarren bizi nintzen garaian. Orduan zeharo txikituta zeuden hemengo bazterrak, airea zikin, ibaiak hondoa jota… Egoera hura ez zitzaion, bakarrik, frankismoari zor, aurretik zetorren. Hondamen hura ez zuten falangistek sortu, oinordetzan jaso zuten. Oraingo Euskal Herria ikusi, eta eredugarria begitantzen zait.
Etxalarreko eta Aulestiko egonaldien ondoren, Euskal Ikasketen Programa abiarazteko agindua eman zizuten Reno-Nevadako Unibertsitatean. Zertan ziren euskal ikasketak orduan, zertan dira gaur egun?
Euskal ikasketak garai hartan? Garai hartan ez zegoen euskal ikasketarik. Behin eta berriz eta askotan esan dudanez, jendeak ezer ere ez zekien euskaldunari buruz. "Zer da? Frantsesa? Espainola? Zer da euskara? Espainolaren hizkelgia? Europako herri misteriozkoa omen da euskalduna". Misterioa, kasu honetan, ezjakintasunaren sinonimo da. Desinformazioa zen nagusi. Harrezkero, [Euskal Ikasketen] Zentro aski serio bat eratu dugu eta hainbat argitalpen argitaratu ditugu, ingelesez, Euskal Herriaren gainean. Ikerlanak ere hamaika egin ditugu… Gaur egun ingelesez ari direnen artean gutxik galdetuko dizute zer den euskalduna. Oraindik baten batzuk izango dira bazterretan, baina euskaldunak jada ez dira ezezagunak AEBetan.
Parte handia duzu horretan.
Egoerak behartu nau. Unibertsitatean jardun dut lanean, ez euskal kluben mailan, baina seguru esaten dizut euskal klubetako buruek Renoko [Euskal Ikasketen] Programari esker dakitela zein den beren jatorria, zer den Euskal Herria, zer den euskaldun izatea. Alde horretatik, euskal amerikar kultura bat sortzen lagundu dugu, ez zuzen, baina bai zeharka. Reno izan ez balitz, jakin nahiko nuke zertan izango zatekeen hemendik AEBetara, eta diasporara, oro har, joandako euskaldunaren oraina. Nik ez nuen etorkizunari buruzko bisiorik. Inork izatekotan, Jon Bilbaok zuen ikuspegi hori. Hark euskal kultura sustatu nahi zuen. Nik, ikertu. Ekipoa osatu genuen. | news |
argia-e9d5d5c7b9cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/milazuloaren-hiztegia.html | Milazuloaren hiztegia | Jakoba Errekondo | 2018-06-24 00:00:00 | Milazuloaren hiztegia
Milazuloa ( Hypericum perforatum ) deitzen dugu guk; ia mundu osoak San Joan belarra; izan ere, apiriletik irail arte loretan topa badezakegu ere, batez ere urteko egun luzeenen inguruan loratzen da. Izen asko du gurean, eta denek dute bere arrazoia, nola ez ba! Milazulo deitura hostoetatik datorkio; izan ere, ugari-ugari zulatuta bezala, argiak zeharkatzen dituen puntuz josia dago. Milazulo bezala milazilo, milasilo eta milaxilo ere deitzen zaio. Portugesez milafurada eta frantsesez millepertuis deitzen dute. Horixe bera adierazi nahi du izen zientifikoan daraman perforatum horrek.
Ausiki-belarra ere bada milazuloa. Zulo itxurako zeharrargi une horiek koska edo hozka eginda sortuak izateko itxuragatik ote?
Hostoetatik ere badatorkio beste izen bat: hosto argal. Hosto luzexkak ditu txortenik gabeak, kamutsak eta binaka enborrean aurrez aurre kokatuak.
Epai-belarra ere deitzen dugu. Izan ere, sendabelar ezaguna da, eta epaiak, hau da ebakiak eta zauriak sendatzeko erabiltzen da.
Erle-belarra ere esaten zaio. Kontuz, ordea; izan ere, izen hau ezkaia ( Thymus vulgaris ) deitzeko ere erabiltzen da. Erleak ( Apis mellifera ) gustukoa du, baina baita baratzeko erlastarrak ( Bombus hortorum ), lurreko erlastarrak ( Bombus terrestris ), Eristalis tenax euliak eta Calliphora erythrocephala haragi-euliak ere. Itxuraz, nektarra baina batez ere polena bilatzen dute bertan.
Likurusa eta likurusna ere deitzen zaio. Lakoizketak bere 1888ko hiztegian dioenez, likur (likido likatsu) eta usna (usnatu-ikertu-arakatu-erauzi) hitzetatik letorke, landare honekin egiten den olio edo aterakin sendagaia dela eta.
Bihoztxo ere deitzen dugu, gaztelerazko corazoncillo izenaren itzulpena?
Santio-belarra ere deitzen da. Itxuraz, Santio –batuera euskaltzaindikoan Santiago– egunez etxeko atarietan jartzen zen. Sendabelar sonatua da, eta belar majikotzat ere jotzen da; deabrua uxatzen duela esan ohi da. Gazteleraz, espantadiablos eta gaskoieraz caça diable esaten diote.
Sustraitza handia duen belarra da, baita gurean ere. | news |
argia-2e4eebb7b6e9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/benat-garaio-eta-ane-pedruzo.html | "EuskarAbentura hiztun gazteen aktibazio dinamika da, udaldian beteko dena" | Miel Anjel Elustondo | 2018-06-24 00:00:00 | "EuskarAbentura hiztun gazteen aktibazio dinamika da, udaldian beteko dena"
Euskaldunaren aktibazioa helburu, hamaika ekimen berritzaile dira bazterretan. Horietan bat da EuskarAbentura, uztailaren lehenengoan Maulen hasi eta hil beraren 31n Getxon amaituko den ibilia. Zazpi euskal herrietako 110 gaztek hartuko dute parte; tartean, bi diasporakoak izango dira, bata Argentinako Patagoniakoa eta bestea AEBetako Washington Hirikoa. Ane Pedruzo Redondo (Gasteiz, 1985) Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria, eta Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz, 1990), soziolinguistika ikerlaria dira antolatzaileetako bi.
Pausoak eman behar izan dituzue asmoa gauzatu bitartean.
Abenduaren amaieran aurkeztu genuen EuskarAbentura Iruñeko Katakraken. Euskalgintzan diren askotariko elkarteekin bildu ginen: Topagunea, Kontseilua, Agirre Lehendakaria Zentroa, Gazteriaren Kontseilua, Unesco Etxea… Sostengua nahi genuen, eta sustapenean lagun ziezaguten. Eskerrak haien babesari, gu hamar gazte zoro baino ez ginen eta. Bataren sostenguak bestearena ekarri zuen. Aurreko horien laguntza sinbolikoa genuela, erakundeetara jo genuen diru-laguntza eske. 110 gazte izango direnez, 133.000 euro beharko ditugula kalkulatu genuen, gazteak bekatuta baitoaz, ezer ordaintzen ez dutela. Babesle ditugu BBK, Euskadi-Akitania Elkargoa, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Getxoko Udala, Euskaltel, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak, hiriburuetako udalak, Euskaraldia bera… Bestalde, EuskarAbenturak ibiliko dituen herrietako udalek azpiegitura eskaini digute: lotarako leku jakin bat utziko digute, segurtasuna bermatuko dute, hainbat hitzaldi, tailer eta jarduera gauzatzeko aretoak utziko dizkigute…
16 eta 17 urteko gazteek hartuko dute parte.
EuskarAbentura ez da umeentzakoa, ezta 20 urtetik gorakoentzat ere. Nortasuna garatzen den garaian dagoen gaztea nahi genuen, esperientzia honek markatuko dituela uste baitugu. Batxilergoko lehen mailako ikasleek ohi dute udarik luzeena, autonomoak dira, eta haietara jo dugu. Badakigu 18 urte betetzen dituztenean bestelako bidaiak egingo dituztela. Adin egokia zaigu 16-17 urte. Ikastetxez ikastetxe ibili da gure taldeko Josu zuzeneko aurkezpenak eginez. Eta aurkezpen horietatik batu zaizkigu gazteak.
Nola hautatu dituzue parte hartuko dutenak?
Lan bat egin behar izan dute –ikus-entzunezkoa egitea erabaki dute batzuek, eskulana beste batzuek…– , eta motibazio gutuna ere idatzi behar izan dute. Horren arabera ebaluatu ditugu eskaerak, Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin. Oso lan politak jaso ditugu. 140 gaztek eman zuten izena eta 110 lagun hautatu ditugu azkenean. Jakin-min berezia duten gazteak dira, gutunetan ikusi dugunez. Beraiek ezagutzeko irrikan gaude, zeren oraindik ez ditugu ezagutzen. Asko emango digutela sumatzen dugu.
Zein ditugu EuskarAbenturaren helburuak?
Lehenengoa, euskararen erabileran eragitea, esperientzia positibo baten bidez. Bigarrena, gazteen sarea sortzea. Gazte sare hori, bistan da, euskaraz sortuko da, eta gazte bakoitza eragile aktibo izango da gero bere herrian. Euskararen aldeko hautua modu naturalean eta "guai" egiteko modua izan liteke EuskarAbentura. Bestalde, Euskal Herriko ondarearen ezagutzan sakontzea ere helburuen artean dugu, tokiak ez ezik, jendea ere ezagutuko baitute. Azken helburua, berriz, balio positiboak transmititzea da. 16-17 urte adin estrategikoa da zenbait balioz jabetzeko, dela zaborraren kudeaketa egokia, genero berdintasuna, ingurumenarekiko zaintza, turismo arduratsua eta beste.
Ondarearen ezagutzan sakonduko duzue.
Ondare materiala eta immateriala. Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa ezagutu dezaten nahi dugu, eta horretaz hitz egingo diegu. Gipuzkoan Kike Amonarrizek hitz egingo digu, Bizkaian Jone Goirigolzarrik… Hainbat arte diziplinari buruzko hitzaldiak izango dira, eta sormen prozesu bat biziaraztea ere proposatuko diegu. Ander Lipusek ahots adierazpena gidatuko du, Miren Amurizak eta Odei Barrosok hitza landuko dute, Kukai taldeko Myriam Perezek gorputz adierazpena, Jose Ignazio eta Kattalin Ansorenak inprobisazioa, eta Ximun Fuchsek eszenografia. Bi eguneko formazioa jasoko dute gazteek, binaka, eta biko bakoitzak jasotako formazioa, gainerakoekin partekatu beharko du. Arte sormenaren prozesua bizi eta gero, uztailaren 30ean, Bilboko Arriaga plazan ikuskizun txiki bat osa dezaten da helburua, ikasi dutenetik EuskarAbenturaren laburpen kolektibo gisakoa eginez.
Horretaz aparte, beste zenbait gauza ezagutu dezaten saiatuko gara, dela auzolan esperientzia, edo orientazioa, Euskal Herriko kirolak… Uztailaren 7an Iruñean izango gara tarte batean Takoneran Nafarroa Oinezekoekin, ordutegia egokitu baitute gu han izan gaitezen. Jende askok bat egin du gure asmoarekin. Argantzonen ere (Trebiñu) gure zain dira. Jendea gogoz dago, eta gu ere bai.
Zergatik sentitu duzue EuskarAbentura sortu beharra?
Euskalgintzatik gatoz, eta bistan da euskararen erabilerari dagokionez, gazteen artean hutsunea dagoela. Baita gazte ez direnen artean, baina tira! Gu gazte gara, eta euskararen erabilpenari ekarpena egin nahi diogu, gustuko dugun eta ezagutzen dugun formatuan, nazio ikuspegia erantsiz, zazpi herrialdeetako jendeak eta diasporakoak batera jarriz.
Harremanik bada EuskarAbentura eta Euskaraldiaren artean?
Esan dugu Euskaraldia gure babesleen artean dugula; haren publizitatea ere erakutsiko dugu. Ideia egosten hasi ginenean, Euskaraldiaren berririk ez geneukan. Ari ginela, jakin genuen Euskaraldiaren berri. Ordurako, euskararen erabilera sustatzeko ekimena zen EuskarAbentura. Euskaraldia egingo zela jakin genuenean, izugarrizko bultzada jaso genuen. Euskaraldiak tresnak emango dizkigu gure hizkuntza praktikak sendotzeko, eta guk horiek erabiliko ditugu. Esate baterako, Euskaraldiak inkesta bat planteatzen du kanpainaren hasieran eta bukaeran, eta guk ere inkesta banatuko diegu EuskarAbenturako gazteei, beren inguru linguistikoa ezagutzeko, beren hizkuntza ohiturei buruz galdetuz eta abar. Informazio hori baliagarri izango zaigu taldeak osatzeko, eta EuskarAbentura aurrera doan heinean, beren hizkuntza portaerak nola edo zertan aldatzen diren ikusteko.
EuskarAbentura udakoa da, ibiltaria, gazte kopuru zehatz bat du helburu.
EuskarAbentura hiztun gazteen aktibazio dinamika da, udaldian beteko dena; marko tenporal zehatza du, beraz. Laster Barrian (Araba) elkartzekoak gara EuskarAbentura zuzenduko dugun lagun guztiok –begirale, mediku, erizain, argazkilari…–, eta begiraleei, adibidez, formazio saioa eskainiko diegu, gazteen artean euskararen erabilera sanoa berma dezaten: "Asko eta gustura" da leloa. Barrian gaudela, Lautadako Euskaraldiaren arduraduna etorriko zaigu, Euskaraldia azalduz. Eta asmoa dugu EuskarAbentura abiatzen den lehen egunean ere Euskaraldia aurkeztea, eta Euskaraldian egingo den moduan, hamaikakoak –hamaika laguneko taldeak– osatzea. Horrela jokatuz, gazteei ulertarazi nahi diegu Euskaraldiaren enbaxadore eta eragile izan daitezkeela beraien herrietan. Azken finean, EuskarAbenturak eman dien esperientzia izango dute, eta bizipenetan oinarrituta eman ohi zaio egoera bakoitzari dagokion erantzuna. Uztailaren 15ean, esaterako, Agurainen gertatuko gara, eta Euskaraldiaren inguruko dinamika zehatza gauzatzea adostua dugu. | news |
argia-f01f43779f21 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/ondarearen-espoliazioa.html | Sotheby's, Grezia eta jabetza legitimoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-06-24 00:00:00 | Sotheby's, Grezia eta jabetza legitimoa
New Yorkeko Sotheby's enkante etxeak demanda jarri berri dio Greziako Gobernuari, irudian ikusten den brontzezko zaldiaren "jabetza legitimoa argitzeko asmoz".
Greziako Kultura Ministerioak lehenago ere oso argi zeukan artelanaren jatorria eta haren lehentasuna Antzinaroko obra lapurtuak berreskuratzea eta ondare historiko eta kulturala babestea da. Horregatik eskatu zuen joan den maiatzaren 14an enkantean saldu behar zuten eskulturatxoa erretiratzeko.
Enkante etxearen erantzuna ez da batere ohikoa, halakoetan gobernuekin objektuak itzultzea negoziatzen baitute. Sotheby's-ek "bide berri bat" zabaldu nahi izan omen du, baina ondarearen espoliazioa bide zaharra da. | news |
argia-ea1feca46f17 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/armagintzaren-lobbya-pozarren.html | Armagintzaren lobbya, pozarren | Juan Mari Arregi | 2018-06-24 00:00:00 | Armagintzaren lobbya, pozarren
Ez da egia dirua falta denik munduan, estatuek eta Europar Batasunak dirurik ez dutenik herritarren behar soziolaboralak asetzeko. Gobernu bakoitzaren lehentasun politikoen menpe dago dena.
Stockholmeko Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuaren datuen arabera, 2017an munduko gastu militarra bilioi bat eta erdi dolarrekoa izan zen. AEBek gastatu zuten gehien, 609.758 milioi dolar; Txinak hurrena, 228.231 milioi dolar; eta Errusiak 66.335 milioi gastatu zuen iaz. Europar Batasuna osatzen duten herrialdeek 300.000 milioi dolar gastatu zituzten eta ranking horren buru dago Frantziako Estatua, 44.329 milioi dolarrekin. Espainiako Estatuak 16.227 milioi dolar gastatu zuen arlo militarrean joan den urtean.
Bistan da armagintzaren lobbya pozarren dagoela, are gehiago europar industria militarra 13.000 milioi euroko funtsarekin indartzeko joan den astean egindako iragarpenaren ondoren. "Bakearen Europar Tresna" deitzen dutena ere martxan jarri da: 10.500 milioi 2021-2027 epealdirako. Izenak izen, tresna horrekin finantzatu nahi dira beste herrialde batzuetako eraso militarrak. Gainera, Bruselak 6.500 milioi euro gordeko ditu "Europa Konektatu" izeneko mekanismora, Batasunean barrena auto militarren eta soldaduen garraioa ziurtatzeko.
Kurioski, gastu militarra eragiten duen "Defentsarako" europar politika da herrialde bazkideen artean adostasuna sortzen duen bakarretakoa. Armagintzaren lobby militarrak oso ondo funtzionatzen du Europar Batasuneko eta gobernuetako bulegoetan. Banku handiek eta multinazionalek euren interesak inposatzen dituzte. Gainerakoan, egon dadila gastu sozial apur bat ere… ozta-ozta masen matxinada eragozteko. | news |
argia-0502000e8e0b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/norberaren-kirol-lorpenetan-familia-agertzea.html | Norberaren kirol lorpenetan familia agertzea | Ainhoa Azurmendi | 2018-06-24 00:00:00 | Norberaren kirol lorpenetan familia agertzea
Orain bizpahiru urte Kilian Jorneten biografia irakurtzen ari nintzela, memento batean bere gorputza muga eta muturreraino eraman zuen proba batean, amore ematear zegoela, bere barne-pentsamenduak azaltzen zituen: "Amaitu behar dut, nire familiagatik" –helmugan zain zeuden–. Nire lehen hausnarketa: "Baina familiak zer eskatu dizu ba? Norena da behar hori? Zer da zehazki demostratu behar dena?". Zer pentsarazi eman zidaten hitz haiek. Norbere kirol lorpenetan familia nahasteko beharrarekin zer ikusia duena. Meloia irekitzera noa.
Lehenik eta behin, ez dut ukatuko gure bizitzan erdiesten ditugun arrakastetan gure inguruko senideek eragina izaten dutela, nola edo hala, haien laguntza eta babesa adieraziz. Alabaina, zein neurritan egotzi behar dira aipatu lorpenak familiari? Are gehiago, zergatik sentitzen dugu bizipen hori publikoki adierazteko beharra? Eta zergatik dago azaleratze hori kirol arloan beste edozein arlotan baino normalizatuago eta onartuago?
Azkenaldian hainbat kirolariri egindako harrera, omenaldi edo aitortza ekitaldietan, asko familiaz inguraturik ikusi ditugu. Kirolari profesionalen kasua beste edozein lanposturekin alderatzen badugu, ez litzaiguke oso normala irudituko erretiro mementoan familia osoa ospakizunera joatea. Ala bai? Eta gure familiaren harrotasuna berbera izango al litzateke? Edo ez? Agian soilik kirolarien kasuan egiten du familiak benetako esfortzua, esker on publikoa merezi duena?
Eta familia azaltzeko modua kirolariak aukeratzen duenean? Esaterako, txapelketa bat irabazi, haurrak besoetan hartu eta milaka pertsonaren begirada eta oihuen artean jartzea. Honegatik isuna jaso dute hainbat kirolarik. Edo lasterketa bateko azken metroak seme edo alaba besoetan hartuta egiteko behar edo usadioa? Zein da irudi horren esanahia? Haurra garaikurra da? Haurrengan norbere harrotasuna proiektatzen ari da? Familiarekin poztasun mementoa elkarbanatu nahia? Aita edo ama konprometitua dela publikoki adieraztea? Kirolari eta aita edo ama izateak dakartzan zailtasunak esfortzuz uztartuta lorpenak ospatzeko modua da? Horiek guztiak batera? Bat bera ere ez?
Egungo gizartean haurren irudia, norbere intimitatea eta pribatutasuna gorde nahiak, sare sozialetan norbere bizitzaren etengabeko erakusketa publikoarekin egiten du topo aurrez aurre. Beraz, zerk eramaten gaitu kirolean beste arloetan azaltzen ez ditugun jokabideak azaltzera? Zergatik irizpide ezberdina aplikatu? Eredu eta heroi kontzeptuak nahasten ari gara? Zein da norbere kirol lorpenetan familia agertzeko edo erakusteko arrazoia? | news |
argia-a41922ac52d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/turismo-eredua-hankaz-gora.html | Nola bidaiatu piztia elikatu gabe? | Miren Osa Galdona | 2018-06-24 00:00:00 | Nola bidaiatu piztia elikatu gabe?
Turismoa anabasa eta kaosa batzuentzat, aberastasun eta oparotasun iturri besteentzat. Egungo ereduak, baina, tarte txikia uzten du imajinazioarentzat: kontsumoa, masifikazioa eta gentrifikazioa eguneroko hiztegian sartu ditugun hitzak dira. Ba al da egoera honi buelta emateko aukerarik? Ba al daude oporrak kanpoan emateko beste modu batzuk? Egungo egoeraz eta bestelako eredu posibleez jardun gara hurrengo lerroetan.
Turismo ereduak hirira ekarri ditu orain arte fabriketan eman diren borrokak. Hondartzari balio produktiboa erantsi nahi diote batzuek eta hiri eta herriei izaera erreproduktiboa itzuli besteek: bizitzaren eta kapitalaren arteko talka postalaren gainalde eta ifrentzuan.
"Gauza bat da turismoa eta beste bat turistifikazioa", azaldu du hiri-ereduaren eta tokiko garapeneko teknikari Andoni Egiak: "Turismoa sustatzeko estrategia territoriala da turistifikazioa. Kapitalismoaren garapen historikoak globalizazioa ekarri du eta horren garapen ekonomikoa ez da hainbeste fabriketatik eratorritako produkzio materialean oinarritzen, ekonomia finantzarioan baizik". Finean, urbanismoaren jolas hipotekarioa, zorren salerosketa eta tamainako industriak behar duen esku-lanaren prekarizazioa ere turismoaren parte dira.
"Turismoa egungo eredu ekonomikoaren materializazioa da, izebergaren punta. Euskal Herrian, Bilbok eta Donostiak zerbitzuetan, higiezinen sektorean, finantzarioan eta espekulatiboan oinarritzen den garapen ekonomikoaren hautua egin dute. Produkzioa ez zen kapitalismoaren baitan hain errentagarria, beraz, kapitala zirkuito espekulatibora pasatu da", esplikatu du Egiak.
Espekulazio, lursail eta alkandora loredunen amalgaman, hiru aktore bereizten dira turismoaren baitan: saltzaileak edo onuradunak, langileak edo kaltetuak eta bezeroak. "Brasilen eta Bolivian Repsol eta Endesa badira lurraren eta jendearen esplotaziotik aberasten direnak, hemen hotelak eta higiezinen industriak dira onuradunak. Eta, batez ere, bankuak eta funts putreak".
Bestalde, onuradun horiek guztiek ez lukete Euskal Herrian horrenbeste inbertituko errentagarria ez balitz, eta Egiaren esanetan, errentagarritasun hori esku-lan merkeak ematen dio Donostia bezalako hiri bati: "Turismo eredu hau ez litzake existituko kelly-ak gabe, komunak garbitzen dituztenak gabe. Erabiltzen den lan-eskua merkeena da; hau da, feminizatua eta etorkina. Eredu ekonomiko estraktibista da: ez da ezer ekoizten, balio komuna –hondartza eta hiriaren edertasuna, adibidez – kapitalizatzeko dispositiboak sortu dira. Horrek lan-esku prekarizatu bat behar du aberatsenei zerbitzua emateko. Bigarren esplotatuak jendarte guztia gara, hiri-ereduak gure bizi kalitatea baldintzatzen baitu".
Egungo turismo ereduaren aurka egonagatik ere, Andoni Egiak badaki "denok garela turistak", eta sarri turistifikazioaren aurkako borroka "klase ertain zuri eta unibertsitariotik" abiatzen dela. Lan-eskuaren "artikulazioa" behar dela dio, baina horrek ere ez duela turistifikazioarekin bukatuko, baldin eta kapitalismoarekin amaitzen ez bada. Bere ustez, turismo ereduaren aurka bi alternatiba existitzen dira; iraultzailea eta erreformista: "Turistifikazioaren, AHTaren eta bestelakoen beharrik ez duen eredu sozioekonomiko berri bat sor genezake, edo onartu genezake kapitalismoan bizi garela eta espazioaren ekonomia politikotik pentsatu nola birbanatu dezakegun turismoak sortzen duen aberastasuna. Baina ez dezagun pentsatu Donostiak turistikoa izateari utziko dionik".
Hala ere, masen turismoaren egungo panoramak badu kontrapuntua. Sarri konprometituagoa, kooperatiboagoa eta gertukoagoa, baina ez horregatik aukera okerragoa. Hondartzetako aulkiak eta itzalkinak garajean utzi eta gehiago lokaztea eskatzen dutenak.
Turismoaren periferia
Instituzioek eta, oro har, turismo eredu estandarraren diskurtsoa zabaltzen dihardutenek ez lukete berehala sinetsiko pinu artean eta hirigunetik urrun ere badela aisialdian gozatzeko aukerarik. Pikunieta baserria Bergarako mendigain batean dago, Urretxu eta Azkoitia arteko bidetik desbideratuta, baso idorraren erdian. Bidea makurra da, errebuelta askokoa eta zenbait gunetan arriskutsu samarra, euriarekin eta lokatzarekin errepidea labaina egoten baita.
Beragarako Pikunieta baserria WWOOF produkzio ekologikoko sarearen barruan dago. Ardiekin egiten dute lan.
Joxe Ramon Arrietak eta Josebe Blancok zabaldu dizkigute etxeko ateak. Eguerdia da, lapikoa borborka dago, usain paregabea zabalduz sukalde osoan. "Hemen ez da sekula lanik falta. Beti bada zereginik", esan dute. Turismoren inguruko lan bat dela-eta telefonoz deitu genienean eurak elkarrizketatzeko ideia ez zutela oso ondo ulertu onartu digute lehen momentuan: ez baitira ez landetxe baten jabe, ezta kanpotarrei zuzendutako nekazal eremuko bisita gidatuak antolatzen dituzten enpresa bateko arduradunak ere; euren egunerokotasuna da turismoarekin duten harremana ulertzeko gakoa.
Blanco eta Arrieta WWOOF (World Wide Opportunities on Organic Farms) produkzio sare ekologikoko kideak dira. Nazioartean ezarrita dagoen boluntario sarea da, eta bertan baserri ekologikoak daude, edozein izanik egiten duten jarduera: abeltzaintza, frutagintza, baratzea… Pikunietan ardiekin egiten dute lan, etxeko gaztak salduz ateratzen dutela jornala. Etxean bost senide dira, baina garaiaren arabera wwoffer bat edo bi izaten dituzte mahai beraren bueltan. Hala deitzen diete baserri mundua ezagutzeko eta ikasteko etxean apopilo izaten dituzten bisitariei. "Mantenua, otorduak eta lo lekua eskaintzen ditu baserriak WWOOF sarean. Trukean, boluntarioak konpromisoa hartzen du astean 30 ordu baserriari eskaintzeko, eta euren jardunaren bitartez, ikasteko. Etxe bakoitzak, ordea, bere modura ezartzen du zein izango den eguneroko jarduera", adierazi du Blancok. Gehien bat "beste jende mota bat" ezagutzeko modua dela dio Arrietak:. "Jendea ezagutu, laguntza hartu eta gure bizimodua erakutsi nahi izaten dugu". Etxe bakoitzak ezartzen du bere gutxieneko egonaldia. Pikunietan ezarrita dugu gutxienez 3 asteko egonaldia.
Solasaldian ari garela, bikote gazte bat sartu da sukaldera. Elena Galan eta Guilhem Capdeboscq dira, hiru astez Pikunieta baserriko senide izango direnak. Ikastera etorri direla diote, ardiekin aritzea zer den ez dakitela eta abeltzaintzaren mundua ezagutzeko gogoz zirelako aukeratu dutela Bergarako mendigaina. Katalana da Galan; frantsesa Capdeboscq. Turismoaren inguruan hitz egiteko bazkaltzera joango ginela jakitean, euren buruei galdegin zieten Pikunietan egiten zuten jarduna hori ote zen, beste leku bat ezagutzeko modu "ezberdina" baita. Capdeboscq-ek ezetz uste du, turismoa aisialdiarekin lotzen duela eta eurena "aisialdi hutsa baino gehiago" dela argudiatuta. Zalantzaz begiratu dio Galanek eta bazkalaurreko lehen hordagoa jaurti du: "Beharbada turismoa horrelako zerbait izan beharko litzake; eskala txikian eta oso modu integratzailean egiten dena".
Munduko txoko gehienetan dago baserri ekologikoetan oporrak pasatzeko aukera. Lanaren truke lotarako lekua eta mantenua ematen dute bertan. Argazkietan, Ohio (AEB). Argazkia: WWOOF.
Ados dago Arrieta Galanekin, eta funtsean turistak guztiok garela dio, baita domingeroak ere. "Baserri inguruko turismoa ez dago masifikatuta, bai ordea hirietakoa". Hiriak, herriak eta pertsonak "atrezzoak" direla gaineratu du Blancok, eta eskema horretan kasik "produktu" bilakatzen dela sistemak hartzen duen guztia. Ez du bere burua zurrunbilo horren barruan ikusten, seme-alaben heziketan eragiten duen erabakia izan baitzen produkzio ekologiko sarean sartzea eta "oso aberasgarria" den bizimodutzat jotzen baitu WWOOF: "Nik ez dut lotzen woffinga turismoarekin. Niretzako turismoak badu kutsu desatsegin bat, eta kosta egiten zait hori gure etxearekin lotzea. Hona etortzen direnek ikasi nahi dute eta euren bizitzaren ikasketa prozesuaren zatitxo bat da egonaldia. Gainera, hemen egon diren askorekin gaur egun harremana dugu, eta elkar zaintzen dugu. Hori turismoa baino gehiago da".
Elena Galan Bartzelonakoa da
eta ez da kanpotar sentitzen Pikunieta baserrian, ez behintzat turistatzat lotzen duen ideiarekin: "Ezagutzen ez dudan bizimodua gertutik bizitzea da niretzat hemen egotea".
Bi aste daramatza
artzain lanetan
Galan ez da kanpotar sentitzen Pikunieta baserrian, ez behintzat turistatzat lotzen duen ideiarekin. "Bartzelonakoa naiz eta niretzat turistak zerbait kaltegarria dira. Une bat iritsi zen zeinean gehiegi eragiten zuten nire egunerokotasunean. Lanera joateko bost minutu behar izatetik, hogei minutu behar izatera igaro nintzen kalean jendea saihestu behar izaten nuelako". Gaur egun Bizkaian bizi da, eta produkzio ekologikoan jasotako esperientzia ikasketa prozesua dela dio. "Ezagutzen ez dudan bizimodua gertutik bizitzea da niretzat hemen egotea". Bi aste daramatza artzain lanetan eta inoiz imajinatuko ez lukeen arren, telebistan ikusi izan dituen eszenak lehen pertsonan bizitzen ari da: animaliak bazkatzea, kasu. Gainera, euskara ikasten ari da, eta Blancok nabarmendu duenez, ohikoa izaten da bisitariek egonaldia hizkuntza praktikatzeko erabiltzea. Capdeboscqek baserriko nondik norakoak ezagutzeko aprobetxatuko du esperientzia, egungo bizimoduak urrun uzten baititu baserriko ezagutzak hiriguneetatik.
Maui-ko (Hawaii) etxalde ekologikoa. Argazkia: WWOOF.
Motxila bete poltsikoak ez husteko
Motxila bizkarrean hartuta hogei herrialde inguru zeharkatu dituzte Margaritak eta Koxmek. Izen-abizenik ez dute eman nahi izan, baina beraien esperientzia orriotara ekartzeko prest agertu dira. Thailandian lurreratu ziren orain urtebete pasatxo, soinean behar-beharrezko gauzak soilik eta gehienetan autostop eginez mugitu dira hara-hona. Thailandia, Kanbodia, Laos, Txina, Mongolia, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Turkia eta Europako herrialde ugaritako zigiluak dituzte pasaportean.
Dirutza xahutu gabe ere bidaiatu daitekeenaren froga dira Margarita eta Koxme. Urtebete egon dira etxetik kanpo, eta 5.000 euro inguru behar izan dituzte bien artean. Horretarako aurrezki-makinaria guztia jarri dute martxan: kapritxoak alde batera utzi, txoko turistikoenak ekidin eta tarteka lan egin. Diruagatik erosotasun askori uko egin badiote ere, jendearekin gertutasuna izatea eta ohiz kanpoko lekuak bisitatzea lortu dute. "Gure museoa kalean eseri eta jendea ikustea zen", dio Koxmek.
Khovd (Mongolia). Bi gaztek kontatu digute nola bidaiatu duten urtebetean hogei herrialde inguru zeharkatuz eta bien artean 5.000 euro gastatuta. Argazkia eurek ateratakoa da.
Urtebete horretan turistak izan ote ziren galdetuta, garbi erantzun du Koxmek: "Bidaiatzen zaudenean, kanpotarra izateak nabarmen markatzen zaitu. Turista zara, nahi edo ez. Guk barre egiten diogu 'bidaiaria' edo traveller dela dion jendeari". Bestalde, kontziente dira atzerrian bidaiatzeko pribilegioa dela europarra izatea eta horri esker ere aurreztu ahal izan dutela. "Autostop egitean, Thailandian adibidez, oso erraz hartzen gintuzten. Ia-ia kotxearen kolorea aukeratu genezakeen", esan du Margaritak.
Europa mendebaldean aisia kontsumoarekin lotzen badugu ere, Margarita eta Koxmek bisitatu dituzten herrialde gehienetan ez zegoen horrelako ohiturarik: "Jatordu bakarrarekin eta eguna erreka baten ondoan emanda pozik egoten ginen, sinetsi genuen
ez genuela ezer gehiago behar"
Kalean lo egin dute maiz, beste batzuetan hostaletan edo lagunen etxean. Errepideak zalgurdian, kamioietan edota motorrean zeharkatu dituzte. Europa mendebaldean aisia kontsumoarekin lotzen badugu ere, Margarita eta Koxmek diote beraiek bisitatu dituzten herrialde gehienetan ez zegoela horrelako ohiturarik. "Jatordu bakarrarekin eta eguna erreka baten ondoan emanda pozik egoten ginen, sinetsi genuen ez genuela ezer gehiago behar", esan du Margaritak.
Sofatik sofara, munduan barrena
Kanpinetan edo lo leku ziurrik gabe bidaiatu nahi ez dutenek ez dezatela pentsa uda sasoia etxean igaro behar dutenik. Baserri munduak edo mundu zabal basatiak ez badu norbait behar beste erakartzen, teknologiak eta gizarteak jada eskuragarri jarri ditu beste hainbat aukera.
Libe Osa Arzuagak Perun egin zuen lehen aldiz "ezezagun" baten etxean lo, konpainia truke. Bost egun igaro zituen familia batekin, eurekin jatorduak eta aisialdi denbora partekatuz: "Bidaiatzeko erreminta baliagarria iruditu zitzaidan, baita jendea ezagutzeko ere". Bigarren aldian hostal itxurako ostatu batean egon zen beste dozena erdi egun pasatzen. "Neska batek hostal modura jarria zeukan bere etxea, eta gela bat couchsurfing -eko erabiltzaileentzat gordea zuen. Esperientzia paregabea izan zen, eta hain eskertuta sentitu nintzen, ezen Euskal Herrira itzultzean nire etxea besteen eskura jarriko nuela erabaki bainuen". Esan eta egin: etxera itzuli bezain pronto egitasmoaren berri eman zien gurasoei, eta familian adostu ahala, webguneko profila eguneratu zuten. Orokorrean, bidaiariak ingurua interesatzen zaien gazteak izaten direla dio Libek, eta pare bat egun etxean igaro ostean, alde egiten dutela. "Aukera merkea, aberasgarria eta ona da. Hori bai, denbora, esfortzua eta gogoa eskatzen ditu".
Aipatutako hiru kontzeptuez gain, uda ezberdin bat igarotzeko aukera honek beste faktore bat eskatzen du: norberaren etxea edukitzea. Trukean beste norbaiten teilatupea jasotzea da xedea, ostatu hartzeak inongo kosturik ekarri gabe. Juan Carlos Reparazek "urte asko" daramatza Arbizuko etxea beste familia batzuen esku uzten opor garaian. Brugasen, Marsellan, Gironan eta Menorcan egon da, besteak beste, ezezagunek utzitako etxeetan familia giroan opor egunak pasatzen. Familia "ezezagunak" lehen unean izan ziren, gaur egun, hamar urteren ostean, batzuekin harremana izaten jarraitzen baitu. "Brujasen bi aldiz izan gara, hango etxeko jabeekin hartu-eman paregabea lortu baikenuen". Etxe-trukaketa interneteko webgune baten bidez egiten da. Aukera paregabea dela dio Reparazek, baina "burua zabalik" izan behar dela ohartarazi du; ez baita ohiko joera izaten edonori norberaren etxeko ateak parez pare zabaltzea. | news |
argia-38fe973bbbaa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/umorea-eta-botere-harremanak.html | Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti... | Jon Torner Zabala | 2018-06-24 00:00:00 | Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti...
Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena korapilatu daiteke nahi bezainbeste. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteez ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin irakatsi egin digute?
Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, goitik behera maiz. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen. Naziotasun-identitateari heldu diogu erreportajearen lehenbiziko partean. Uxoa Anduaga soziologoak azaldu digu euskaldunok uste baino asimilatuago daukagula Estatuaren diskurtso hegemonikoa, eta horren isla dela, hein batean, sinetsi izana gure buruez barre egitea biziki sanoa dela, aintzat hartu gabe umoreak norabide berean kolpatzen duela (ia) beti.
Auto-parodia zintzo eta konstruktiboa izango bada, izango da botere harremanak parekideak baldin badira. Hala erakutsi digute libertimenduek, umorea eta salaketa uztartzen dituzten artedramek. Kamila Gratien garaztar zirtzilak eman dizkigu sortze prozesuaren inguruko azalpenak.
Hitz egin dugu Patxi Huarte Zaldieroa eta Joseba Larratxe marrazkilariekin ere, tira-grafikoak boterea zirikatzeko tresna izan daitezkeen neurrian.
Pasa den maiatzaren 15ean, Dieter Hanitzsch marrazkilariak Israeleko lehen ministro Benjamin Netanyahuren karikatura plazaratu zuen Alemaniako Suddeutsche Zeitung egunkarian. Eurovision lehiaketa irabazi zuen Netta Barzilai kantari israeldarra bezala jantzita, eskuan misila zuela ageri zen Netanyahu, eta haren ahotik ateratzen zen esaldi hau: "Datorren urtean Jerusalemen". Marrazkiak polemika handia sortu zuen, estereotipo antisemitak erreproduzitzen baitzituen askoren ustez. Presioak behartuta egunkariak barkamena eskatu eta marrazkilaria kanporatu zuen. Lehenago ere egin zituen agintari ezagunen karikatura demoledoreak, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganenak esaterako. Kasu horietan, baina, prentsa eta adierazpen askatasuna defendatu zuten gerora marrazkilariari lepora jauzi egin ziotenek.
Iazko otsailean, ETB1eko Euskalduna naiz eta zu saioaren seigarren atalean espainiarrei buruzko estereotipoez mintzatu ziren, aurreko bostetan euskaldunen gainekoak izan zirenean protagonista. Umorezko marrazki batean "facha", "paleto" eta "choni" deitzen zitzaien, zeintzuk diren, esaterako, Aída telesail espainiarrak erreproduzitzen zituen topikoak. ETB1ekoak, baina, polemika handia sortu zuen, espainiarrak iraindu eta gorrotoa sustatzen baitzuen askoren ustez. Presioak behartuta, ETBk "ofendituak" sentitu ziren herritarrei barkamena eskatu eta seigarren eta azken atalaren arrasto oro ezabatu zuen bere euskarrietatik. Telebista publikoak soilik ez, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere adierazi zuen bere egiten zuela programak eragin zuen "ofentsa sentimendua". ETBk lehenago ere emititu zituen estereotipoak (euskaldunen gainekoak bereziki) islatzen zituzten saioak, Vaya Semanita kasu. Programa hura, baina, "nork bere buruaz barre egiten" irakatsi zuelakoan, inork gutxik kritikatu zuen, ezta, beste bi adibide jartzearren, Ocho apellidos vascos eta Mission Pays Basque filmak ere. Agian, pelikula horiek ikustean belarriekin ere txalo jotzeko tentazioa izango zenuten ("hain baitira barregarriak!"). Baina posible da ere bai, euskaldun askori gertatu zitzaien moduan, tentazioa izatea zinemako atarian erositako krispetak egile eta ekoizleei atzeko planotik banan-banan sartzekoa. Horietakoak baldin bazarete, gauzak bere onetik ateratzen ari zaretela entzungo zenuten ziurrenik, umore senik ez duzuela, adierazpen askatasuna sakratua dela eta badela garaia zuen buruez barre egiten ikastekoa. Horretan laguntzeko-edo, ipar-hego (espainiar koordenadetan) harremana ardatz zuen realitya sortu zuen ETBk, Tú al norte y yo al sur . Andaluziar eta euskaldunak berriro orpoz-orpo.
Albo batera utzita ez dugula eskubiderik ofendituak ez izateko, elkarrizketa batean gogorarazi ziguten bezala TMEO aldizkariko kideek ( ARGIAren 2.553. zenbakian ), Alemaniako eta ETBko kasuek ederki laburbiltzen dituzte Uxoa Anduaga soziologian doktoreak Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidezko euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisi a tesian jasotako ondorio nagusietako batzuk.
Uxoa Anduaga soziologian doktorearen hitzetan, umorea 'politikoki zuzena' den hori iraultzeko tresna balitz bezala saltzen da sarri, 'politikoki zuzena' dena tinkatzeko tresna izan ohi denean gehienetan. / JON TORNER ZABALA
Batetik, hegemonikoak ez diren diskurtsoak izanagatik, horiek neutralizatzeko neurriak hartu zituzten gauzak (botere-harremanak) bere horretan mantendu nahi dituzten agenteek, zeinak balio izan zuen "normaltasunaren" monopolioa nork duen gogorarazi eta ezarritako ordena berreskuratzeko. Hala, statu quo -a aztoratzen duten praktiken aurrean aplikatzen den hiru urratsetako protokoloa zein den ikusi ahal izan dugu: birdefinizioarena ("ez dira umore"), diskurtsoa zentsuratu eta zigortzea ("umorea ez denez diskurtsoak zilegitasuna galtzen du eta, beraz, haren hedapena moztu beharra dago") eta, azkenik, 'kaltea egin' duenari dagokion menpeko posizioa berresten duen urratsa, barkamenarena. Kaltea egin aurreko ordenara bueltatzeko ezinbesteko pausoa da hirugarrena; ikuspegi eta iritzi propioak izateko eskubiderik ez duela gogoraraziko zaio diskurtso horien sortzaile edota erabiltzaileari. [Uxoa Anduagaren tesiari buruzko aipu teorikoak Jakin aldizkariaren 220. zenbakitik (2017ko maiatza-ekaina) hartuak dira. Umorea politikoa da izenburupean, bildu zituen Anduaga, Iñigo Aranbarri, Unai Iturriaga, Laura Mintegi, Mario Zubiaga eta Edorta Aranaren testuak]
Bestetik, 'norbere buruaz barre egitea' botere harreman baten emaitza dela dio Anduagak, diskurtso bat inposatzeko baliabide gehiago izan dituen agente baten garaipena da. Umorea baliatu den heinean, ageriko biolentziarik gabe joan da gizartean txertatzen. Tira diezaiogun hari horri.
Geure buruaz barre egitea, uste bezain sanoa?
Mission Pays Basque , Ocho apellidos vascos , Vaya semanita ... Anduagaren hitzetan "normaltasun nazional jakin baten irudia" helarazten dute ekoizpen horiek guztiek. Aipatzekoa da estatu mailako komunikabideek eta 'iritzi publikoak' eman dien bulkada, espainiar eta frantziar nazio kulturarekiko koherenteak diren edukiak berresten dituelako seinale: erdararen defektuzko erabilera, zazpi lurralde historikoak aintzat hartzen ez dituen esparrua, naziotasuna aitortzen ez duen eta partikulartasun erregionalistetan oinarriturik dagoen identitatea… "Umore etniko mota horrek euskal nazioa anomalia gaitzesgarria delako mezua igortzen du gizartera, frantziar eta espainiar estatuen normaltasun kultural, politiko eta sozialaren aurrean erabat baztergarria dena", dio Anduagak. Baina, hara non, euskaldunontzat iraingarria beharko lukeenak izugarrizko arrakasta duen euskal gizartean, Hegoaldean bereziki. "Espainiako Estatuaren diskurtsoak erabat barneraturik ditugu. Nik flipatu egin nuen zinemara Ocho apellidos vascos ikustera joan eta amaieran jende ia dena txaloka hasi zela ikustean". Bere hitzetan, asimilaturik ditugu baserritar arlotearen figura barregarria, Gipuzkoa vs Bizkaia diskurtsoa, EAEtik kanpo deus existitzen ez dela dioen topikoa... "Gure egin ditugu eta ez digute minik ematen, urteetan jasan dugun jarioaren ondorioz".
Geure buruez barre egitea biziki sanoa dela irakatsi digute, eta ikasi duguna sinetsi ere egin dugu.
Neurri batean sinetsi dugu geure buruez barre egitea sanoa dela, naturala, kontziente izan gabe zein logikaren barruan ari garen. "Umoreari buruzko teoria soziologiko orokorrek diotenaren aurka, euskal Herrian egiten den umore etnikoaren parte handi batek ez du bere auzoa parodiatzen (Espainia edo Frantzia), baizik eta bere taldeari buruzko erreferentziak baliatzen dituela umorerako; hainbesteraino, ezen euskaldunek 'gure buruaz barre egiten dugula' oso zabaldua dagoen ustea den".
"Oso mingarria egiten zait", esan digu Anduagak. "Bere buruaz barre egiteko ahalegina apenas egin duen agenteak, diskurtso hegemonikoaren jabe denak, esatea euskaldunok zer egin behar dugun…". Soziologoak lotu du egoera politikoarekin: "PP agintean zegoenean –1996 eta 2004 artean– euskal estereotipoak umoretik gutxi zuen, gehiago zen vasco radical y peligroso estiloko zerbait. Geroxeago ordea, PSOEren garaian, euskaldun umoretsuaren figurak indarra hartu zuen, eta hor koka daiteke Vaya Semanita bera. 'Euskaldunek ikasi dute euren buruaz barre egiten', zioten hedabideetako titularrek. Ziria sartu ziguten. Ez, hiritar batek, demagun bilbotar batek, ikusten zuenean Vaya Semanita n baserritar baten parodia, ez zuen sentituko bere buruaz barre egiten ari zirenik, baserritar arlotearen kontura baizik, euskal folkloreari atxikitzen zaion figura horren golkotik".
Zer da umorea?
"Mediazio politikoa da", Anduagaren hitzetan: "Umorea, huts hutsean, soziala da, ikasi eta erreproduzitu egiten den zerbait, etengabe eraikitzen ari dena, berezko edo natural izatetik urruti dagoena eta gizartean eragiteko gaitasuna duena. Ez dago umore zuririk, tentela edo otzana denik, juzkua –egokia denaren eta ez denaren arteko balorazioa– helarazten duelako beti". Zentzu horretan, hala dio Unai Iturriaga bertsolariak: "Guztiok epaitzen dugu umorea eta umorea darabilgunean epaitzen ari gara (guztiok)".
Irudikari komikoa, euskal identitatea kolpatzeko
Espainiak aspalditik erabili ditu euskaldunen inguruko irudikari komikoak, 'biscayno'-ren sokakoak, "euskal nazionalismoari zilegitasuna kentzeaz batera, espainiar estatuaren autoritatea berresten lagundu eta gure identitatearekiko lotsa areagotzen zutenak", Anduagaren tesian irakurri daitekeenez. "Frankismoan, erregimenak hizkuntzaren –euskararen– inguruan egin zuen irakurketak batu zituen hizkuntza, identitatea eta harrotasuna; horietako bat kolpatzea aski izango zen beste biak ere erortzeko. Euskara debekatzeaz gainera haren ospe-galera prozesua jarri zuen abian, atzerakoia, baldarra, mugatua edo baserritarren hizkuntza delako usteak zabalduz umore bidez, eta hiztunen autoestimua (harrotasuna) zapalduz batera euskal indentitatean erretena irekiz". Demostratu zuen autoritatea sendotzeko baliabide eraginkorra dela umorea.
Mende berriaren hasierarekin batera, ordura arte inoiz ez bezalako arrakasta soziala lortu zuen umore mota horrek, Vaya Semanita ikur duenak. Saio hark bazuen berezitasun handi bat, egilea ez zela espainiarra, euskal herritarra baizik (EITB), hizkuntza bera erabili arren: gaztelania. Anduagaren hitzetan euskara baino efektiboagoa da diskurtsoak barneratzeko, faktore soziolinguistikoez gain, estatistika hutsagatik, alegia, jende gehiagok ulertzen duelako. "Euskal nazioaren inguruko umore jario horrek guztiak eragina izan du berarekin dakarren diskurtso eta formaren asimilazioan".
Gatazkaren banalizazioa
Mario Zubiaga eta Edorta Arana (EHUko irakasleak) Jakin aldizkarian: "Euskal gatazkan ere banalizazio prozesuak egon dira, azkenaldian bereziki. Umorea izan da horretarako lanabesa, masa-kulturak eskaintzen dituen tresnen eskutik, telebista eta zinema. (…) Gatazkaren eduki politikoak eta arrazoiak desagertu egiten dira boterearen statu quo-aren elikagai diren topikoen mesedetan. Ez ditugu maila berean jarriko gatazkaren une gordinetan Vaya Semanita saioak izandako eragin 'aringarria' edo une lasaiagoetan Espainian akontezimendu itzela izan den Ocho apellidos vascos filma. Alabaina, bietan sumatu daiteke Uxoa Anduagak bere tesian erakutsitakoa: Botereak –bereziki instituzio eta erakundeak– umorea zer den eta zer ez den definitzen du".
Whatsappez bidalitako txiste matxista hori
Botere harremanak identitate nazionalarekin lotutakoak izan daitezke, baina bizitzako esparru guztietan daude, eta guztiak dira markatuak umorearen bidez.
Demagun, esaterako, martxoaren 8aren bueltan txiste matxista bat heldu zitzaizula Whatsappez eta, hain zela barregarria, erabaki zenuela lagun gehiagoren artean partekatzea, nahiz eta, teorian, kritikoa zaren botere sistema heteropatriarkalak ezarritako arauekin. Zer erakusten du horrek? "Ingurune osoa heteropatriarkala izanik, gisa horretan erreproduzitzen dugu sarri, kontziente izan gabe askotan; baita umorearen bidez ere, gure eginda ontzat ematen ez ditugun diskurtso batzuk. Horregatik da askoz ere zailagoa txiste feministak topatzea".
Zentzu berean mintzo da Iñigo Aranbarri idazlea Jakin aldizkarian: "Umore baldresa, klasista, arrazista, matxista egitea ez da batere zaila. Mendeetako entrenamendua dugu, gizarte finkatu baten egituretan hazten da, eta bitartekoetara heltzen garen neurrian, bera da seinale jakiteko badugula norbait gu baino beherago, hondorago, lokatzago haren lepotik uxatzeko tristura zirin hau".
"Txiste matxista baten sortzailea baldin bazara aukera gehiago izango duzu sortutakoaz jabetzeko", esan digu Anduagak, "baina hartzaile hutsa baldin bazara, umorearen efektua –barre eginaraztea– kontrolatzea zaila denez litekeena da grazia egitea". Kontua da ea erabakitzen duzun txistea zabaltzen jarraitzea ala, jakitun zein diskurtso erreproduzitzen duen, bere horretan itzal dadin uztea. "Pentsatu beharko genuke zergatik egin digun grazia, erakusten baitu uste baino asimilatuago ditugula hainbat sinesmen, diskurtso sozial...".
"Nolako jendartea, halako umorea", dio Aranbarrik. "Jendartean mendeetan mamitutako egituren errailetan dabil umorea. Errepikatuaren errepikatuaz, umorearen bidez finkatu egiten da norberaren posizioa piramidean, barre onartuaren bidez itxura ematen zaio eguneroko egiturari, sendotu egiten dira jendartearen zimenduak". Eta honelaxe jarraitzen du, atarikoan aipatu dugun Aída telesaila hizpide hartuta: "Lagun jatorren arteko elkarrizketetan ere Hego Ameriketatik gure artera lanera heldutakoak machu pichu bihurtu badira (bromatan duk moteil, ez ezak dena hain estu hartu!), ez da txinparta zoragarri bati esker; ateraldia Espainiako telebista kate pribatu baten saio batek orain ez aspaldi sortu eta nazkatu arte zabaldu zuelako baizik".
'Emakumeak eta umorea'
Emakumeek umorean duten posizioa eta norbere buruaz barre egiteko moduez mintzo da Beatriz Egizabal Emakumeak eta umorea tailerrean. Hala zioen Tolosaldeko Atariak egindako elkarrizketan (2017-09-27): "Botere harremanak daude eta, noski, ez da gauza bera zapaltzaileak zapalduaren inguruko txistea egitea, edo alderantzizkoa gertatzea. Bakoitzak aukeratzen du non jartzen den, nora lerratzen den. Eta ez da akusazio bat, baina horri ere arreta jarri behar diogu, umorea oso zapaltzailea izan daitekeelako, baina baita oso eraldatzaile eta iraultzailea ere (…) Umorea eta edertasuna uztartzea ez da erraza, ez bazara pixka bat desmuntzatzen. Hor baditugu muga batzuk, baina umorea erabiltzea estrategia bat izan daiteke, esparru publikoa hartzeko aukera gutxiago dutenentzat".
Bestalde, Ane Labakak Bertsolaritzan garatutako umorea(k) genero ikuspegitik ikerketa lana plazaratu zuen iaz, 11 emakumeri egindako elkarrizketak ardatz hartuta. Berria egunkariak egin zion elkarriztetatik hartu ditugu hitzok: "Bazterreko eremuetan askoz barre gehiago egiten zaio norbere buruari plaza hegemonikoetan baino. Ikusi ditut bertsolariak publikoarengana joan eta adineko emakumeei titiak erorita edukitzeari buruz kantatzen, baina aurrena zeure bularrez kantatzen duzu, eta zeu ere barruan sartzen zarenez, identifikazioz, besteek ere barre egiten dute, eta askoz parez parekoagoa da botere harremana".
Berdinen arteko umorea aldarri
Badagoen arren umore hegemonikoa, poloak zabaldu egin direla azaldu digu Anduagak. "Iturri gehiago dago eta diskurtsoak anitzagoak dira, sare sozialei esker neurri batean; nahiz eta Damoklesen ezpata gainean dagoen uneoro, zentsura eta zigor moduan. Niri zoragarria iruditzen zait esfera ez publikoetan –gaztetxe, taberna edota herri txikietako festetan– dagoen magma hori. Berdinen arteko konfiantza oinarri, umore berezia sortzen da, diskurtsoetan anitzagoa eta gainera auto-kritikarako (norbere buruaz barre egiteko) joera handia duena. Umorearen bidez nork bere buruaz birpentsatu eta gauzak eraldatzeko bide eman daiteke, ekintza politiko aberatsa ikusten dut horren atzean. Beste kontu bat da diskurtso horiek esfera publikora eraman ote daitezkeen, horrek zure aurka egin dezakeela jakitun. Auto-umorea zintzoki egin nahi bada, botere harremanak parekidea behar du izan; beste guztia hierarkizatua da".
"Politikoki zuzena ez den" diskurtsoa esfera publikora eraman eta hierarkiak leherrarazten dituzten heinean, nahi ditugu aipatu libertimenduak, antzerkia eta dantza bateratzen dituzten euskarazko artedramak.
----------------------------------
Kamila Gratien
"Saiatzen gara umorearen bidez zer pentsatua eman eta kontraesanak azaleratzen"
Kamila Gratienek lau bider hartu du parte libertimenduan / JON TORNER
Inauteriekin erabat loturik dago libertimendua. Udaberriaren etorrera iragartzen duen jokoa da, uztartzen dituena antzerkia, dantza eta bertsoak; gorputz adierazpena eta hitza; umorea eta kritika; lekuan lekuko kontuak eta haragokoak. Zirtzilak, gau eta iluntasun, dira zikinak, laparrak, pobreak… Bolantak (dantzariak), aldiz, finagoak dira, dotoreagoak, negua alboratuko duen udaberria irudikatzen dute. Zirtzil batekin izan gara, Kamila Gratien garaztarrarekin, Donibane Garaziko libertimenduaren sortze prozesuaz eta aire zabalean egiten den emanaldiak dauzkan berezitasunez hitz egiteko.
Garaziko 16 eta 30 urte arteko hamabost bat gaztek hartu dute parte libertimenduan. Inaute igandean (aurten otsailaren 11n) ematen badute ere, lauzpabost hilabete lehenago hasten dituzte prestakuntza lanak. "Urrian bildu ginen lehenik", kontatu digu Gratienek. "Urtean zehar pasa ziren guztiak listatzen hasi ginen, Garaziko kontuak bereziki, zinez garaztarra baita libertimendua, baina urrunago ere joan gara. Aurten bake prozesua adibidez bortxaz behar zen aipatu, baita nazioarteko batzuk ere, gugan eragina dutenak. Baina libertimendua aski lokala da". Funtsean gauza bera izanik ere, desberdinak dira Garazi, Amikuze, Banka, Donapaleu, Baiona edota Aldudekoa.
Bake prozesua, preso politikoen alde Parisen egindako manifestazioa, desarmatzea, Elizako sexu abusuak, hezkuntza sistema, Euskal Herria Zuzenean festibala… horiek guztiak ukitu ditu ("astindu" esatea zuzenagoa litzateke agian) libertimenduak urteotan, baita bortuko gaiak ere, inguruko mendietan gertatutakoak, laborarien arteko istorioak eta, gai bat nabarmentzearren, Donibane Garaziko gaztetxearen afera. Iazko uztailean erosi zuten gerora gaztetxe bilakatu zuten egoitza, herriko gunerik turistikoenean, eta zirtzilek, gaztetxearen bueltakoak ia guztiak, baliatu dute euren buruez barre egiteko, Garazikoa izanik "Euskal Herriko lehen gaztetxe kapitalista", azaldu digu Gratienek irriz.
Donapaleuko libertimendua. Jendarmeek jaurtitako ke negar-eragilearen erdian ahateak, albaitariak, birusak, baserritarrak… Atzean, zutik, Gillen Hiribarren eta Ortzi Idoate eszena bertsotan azaltzeko prest. / ARGIA
Itzul gaitezen, baina, prestakuntza-prozesura. Gaiak zerrendatu ostean, lauzpabost pertsonako taldeetan banatuta, inprobisatzeak egiten hasi ziren sobera pentsatu gabe, eta hortik abiatuta idatzi zuten artedramaren testua. Antton Luku idazle eta antzerkigile baxenabartarra izan dute bidelagun, libertimenduen susperraldia ulertzeko ezinbesteko erreferentzia dena.
Guztien artean idazten dituzte jokoak. Gratienek kontatu digu arrunt aberasgarria dela bakoitzaren ikuspegia ezagutu, horien bueltan eztabaidatu eta diskurtsoa bateratzea. "Libertimendua zinez da gaztetasunetik egiten den ausardia. Ez da soilik dibertsioa. Egia da irriarekin bortxaz jendea erakartzen dela eta berotasuna dakarrela, baina salaketatik ere badu". Kritikak haizatzean erabat libre jokatu al duten galdetuta, erantzun digu libertimenduan juxtuki "arrunt askea" zarela eta lotsa uzten dela bazterrera. "Agian, gazteak garenez, eta hura inuxentziarekin lotua dagoenez, arinago pasarazten dira gauza batzuk. Hori bai, ausarki asumitzen dugu egiten duguna, eginak egina dira. Gero, pixka bat salbatzen gara zirtzilaren ahotik ari garelako, antzerkia denez gero ba…".
Trufa, norabide guztietan
Lau urtez egin du libertimendua Gratienek, eta aldioro euskal gatazkaren ingurukoak "ziur" sartzen zirela kontatu digu. "Egia da aurtengoan aski erraza zela antzeztea, desarmatzea, zentzu batean, antzerki hutsa baitzen; bo, ulertzen didazu…" [bai, bai, ulertzen dizut, eta ziur irakurleek ere bai]. Hurbilagoko kontuei ere heldu ohi diete, arestian aipatu bezala: "Mendiko istorioak, esaterako, laborari batek otsoa ikusi duela, lurren inguruko ika-mikak… Gu ez gara denak mundu horretakoak, nahiz eta badiren laborarien seme-alabak; oso aberasgarria da guztiok prozesuan parte hartzea".
Feminismoari buruzko jokoa jarri digu adibide gisa: "Jean-Jaques Lasserreren [Paueko Departamenduko Kontseiluko presidentearen] gainean trufa egin dugun bezala, maiz egiten dituen txiste matxistak direla-eta, feminismoaz ere egin dugu irri apur bat, izan ditzakeen kontraesanen harira". Horrek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, txiste matxistak egin dituztenik, baizik eta feminismoaren inguruko inprobisatze-lanketak balio duela gaiaz hausnartzeko eta ikusleari zer pentsatua eman dakiokeen diskurtsoa plazaratzeko, umoretik (auto-parodiatik) joko duen arren.
Txiste matxistarik ez beraz. Aukera baliatu dugu galdetzeko ea bere ustez umorea edozeren gainean egin ote daitekeen. "Ez dakit sobera zer pentsatu horretaz; berez irri egin daiteke edozertaz, taburik gabe, baina horrelako gauzek pertsonalki ez naute irriarazten. Niretzat, diskurtsoak islatzen dituenean goitik beherako botere harremanak, ez da umorea". Gratienek dioenez umorea ez dago derrigor irri egitearekin lotua. "Libertimenduarekin saiatzen gara ere umorearen bidez jendeari zer pentsatua ematen, kontraesanak azaleratzen... Trufa ez dugu beti norabide berean egiten, pertsona berdinen inguruan; zentzuz aldatzen dugu, auzokoaren gainean lehendabizi, gure buruaz gero… Libertimenduan aipatzen ditugun gai guztiak politikoak dira eta horri esker plazara ekartzen ditugu gordinki; umorearen bidez egia da jendea bortxaz konplize ere bilakatzen dela".
Gau zirtzila Donibane-Garazin / GAZTETXEA
Gordinki, baina ez derrigor zuzen-zuzenean. "Zirtzilok maiz ez ditugu gauzak argi eta garbi esaten". Ikuskizunean parte hartzen duten bi bertsolarien egitekoa da hori: ikusleari azaldu behar diote aktoreak zer ari diren salatzen. Metaforen balioaz hitz egin digu Gratienek, atzera berriro aipatzeko Antton Lukuren izena. Ez alferrik. Antzerkigileak badu saio bat idatzia, Libertimenduaz (Pamiela, 2014), non besteak beste kritikatzen dituen Nicole Lougarot ikerlariak Zuberoako maskaradei buruz esandakoak, bere iritziz ez dituelako kontuan hartzen gure tradizioan funtsezkoak diren ezaugarriak, "arraileria" esaterako. Hala dio Xabier Etxabe dantzan aritu eta adituak, Lukuren liburuaz idatzitako erreseinan (Dantzan.eus, 2015-01-29) : "Arraileria umorea da, bai, baina 'esan gabekoaren bidez' konplizitatea bilatzen duena. Arraileriak erakusten digu ez dela taburik, denetaz irri egin daitekeela (…) Pobreen irria da; bertsolariek maiz erabili izan dutena".
"Ezin dut antzerkia egin teoriarekin, egiten dut metaforekin, kontsigna aski motz, zehatz eta potente emanez", zioen Lukuk ARGIA aldizkariak egindako elkarrizketa batean (2.415. zenbakian) . Halaber, Etxabek: "Metaforak eskatzen du fondo poetiko berean sinestea, Euskal Herri bat badela pentsatzea, euskarak komunitate bat osatzen duela eta euskal antzerki bat badela. (…) Euskaraz eta euskaldunentzat sortutako lanak ditu Lukuk helburu, Iparraldean turismoari begira egiten diren ikuskizunetatik erabat aldenduz". Bestalde, hala zioen antzerkigile baxenabartarrak ARGIAn: "Jokalarien arteko ikuspegi konfliktiboak baldin badaude sortzen dira pertsonaiak, batek gauza bat defendatzen du eta besteak beste bat. Toberaren funtsa hori da, horrek baldintzatzen du antzerki ona. Konfliktoa ikusi behar da, batek bestearen aurka dituen indarrak. Pertsonaiak defendatzeko ahalak behar ditu aktoreak. Pertsonaia bakoitzari bere xantza eman behar zaio, bestenaz, parodian edo kritika hutsean gelditzen gara".
Busti, Blai, H28…
Kamila Gratienek dioenez "tresna bikaina" da libertimendua, eta "ziur" hegoaldean ere egin ahal daitekeela. "Sortze eta inprobisatze prozesuak dakarren indar hori, freskotasuna… bizitzan ukan dudan esperientziarik politena da. Konbentzitua naiz denok behar dugula hori bizi. Konturatzen zara ere bikaina dela euskara ezagutzea". Euskaratik euskaraz. "Guk ere erreski erabiltzen ditugu frantsesezko hitz eta espresioen euskarazko itzulpenak, eta libertimenduan partitzen gara euskaratik, oso kontziente izan gara horretaz".
Busti telebista saioaren aurkezlea ere izan zen Gratien, eta esan digu han ere begiratzen zutela ea euskaratzen ari ote ziren jatorriz frantsesezkoa den esapideren bat, ala sortzen ari ziren propio eurena den zerbait. "Gure balore eta ideiak ditugu, Euskal Herria osoa da guretzat… eta umorea hortik abiatuta egiten genuen". 2015eko martxoaren 4an estreinatu zuten Busti saioa, Kanaldude herri telebistak eta EhKz proiektu komunikatiboak sortutako egitasmoa, gazteek egina gazteentzat. Uztartzen zituzten eduki "seriosagoak" umorearekin, irriari esker emankizuna "pixka bat arintzen zelarik".
2016ko udan eten zuen bidea Busti k, bederatzi saio emititu eta gero (ARGIA.eus-en dituzue guztiak ikusgai) , baina hark jaurtitako enbidoari animotsu heldu dio Blai telebistak, Kanalduderen eta Topatu.eus webgunearen babesean. 2018ko urtarrilaren 14an jaio zen eta hark ere tartekatzen ditu eduki "serioak" barrearekin. Hutsa ta doblea umorezko albistegia dugu adibide.
Akaso, telebista hizpide, aipatu beharko genituzke ere bai Kataluniako TV3 kateko Polònia satirikoa bezala ETB1eko Wazemank eta haren oinordekoak, baina zein punturaino zartatzen ote duten euskaldunon gaineko umore hegemonikoa... Egia da ETB2n ikusten ez diren diskurtsoak aurki daitezkeela eta euskal hiztunontzat hurbilagokoak diren erreferentziak baliatzen direla, baina horiek ere eraikiak dira identitatearekin lotutako ohiko klixeen gainean (landa mundua, euskalkiak…). ETB1ekoek nekez ukituko dituzte, bestalde, gaztelaniazkoak sarri egiten zuen moduan, politikari edota ekonomiari lotutako gai arantzatsuak.
Agian, umorearen eta politikaren (botere harremanen) arteko lotura (edo talka) inon ikusten bada –albo batera utzita zenbait Twitter kontu edota Euskal Irratietako Gerrenaplat saioa bezalakoak– ikusten da argitalpen satirikoetan eta prentsako tira grafikoetan, egunerokoari (ia) derrigor heldu behar dieten heinean. Aldizkarien artean, auzoan ditugu, esaterako: Charlie Hebdo , Le Canard enchaîné , El Jueves edota Mongolia. Gurean, baina erdaraz, TMEO da ziur asko ezagunena, badiren arren beste batzuk, La Gallina Vasca edota El Karma kasu. Euskaraz ere bazegoen orain gutxi arte bat, H28 hilabetekaria, ezker-eskuin banatzen zituena zartakoak eta euskal hiztun askorentzat gozagarri izan zena; baina tamalez hark eten zuen bidea eta gaur egun prentsa da arnasgune ia bakarra euskaraz.
-------------------------------------------------
Patxi Huarte Zaldieroa
"Boterearen diskurtsoa zalantzan jartzea da nire asmoa"
H28 aldizkari satirikoak bildu zituen komikigileetako bat da Patxi Huarte Zaldieroa . Berria egunkariko orrialdeetan topatuko dituzue bere tira grafikoak, De Rerum Natura goiburupean; baita Aizu! edota Ortzadar aldizkarietan ere. Periodikoa hartzean lehenbizi haren tira leitzeko ohitura dugu askok.
Euskal gatazka komiki-tiretara eramatean lasaiago zabiltza orain, demagun duela 8-10 urte baino (ETAk jarduna eten aurretik)?
Bai eta ez, autozentsurak hor segitzen du, Espainiako Auzitegi Nazionalaren menpe bizi gara, badakizu. Nire lana erosoago egiteko aspaldian erabaki nuen nire iritzia ematea eta listo. Hau da, ez nintzela liatuko txisteak asmatzen. Umorea ez dut egunero erabiltzen eta denboraldi batzuetan, krisi larrienetan kasu, erabat desagertua egon da. Krisi ekonomikoaz eta bortizkerien krisiez ari naiz.
Zein izan beharko litzateke satira politikoaren helburua?
Asumitzea adierazpen askatasuna %100ean.
Boterea zirikatu behar al du marrazkilariak?
Marrazkilariok demagogoak gara, gauza batzuk nabarmentzen ditugu eta beste batzuk ezkutatu, sinplifikatu behar dugulako. Esango nuke nire asmoa beti dela boterearen diskurtsoa zalantzan jartzea, gauzei so egiteko beste begirada batzuk badaudela erakustea. Nire ustez marrazkilari satirikoen lana da zalantzan jartzea botereak, euren ustezko "legitimitatea", eta ez dutenean argi azaltzea.
Marraztean aske sentitzen al zara? Bada taburik? ETA izan zitekeen agian, baina "natural" marraztu izan dituzu etakideak...
Bai, urte asko dira eta alde horretatik aske eta seguru sentitzen naiz, Evax bezala. Etakideak pertsona marraztu nituen, iruditzen zaidalako pertsonak direla eta ez saldu diguten "demoniyuak". Baina pertsona-ikonoak ere baziren. Nahaste-borraste bat da. Lotan zeudela ere kaputxekin marrazten nituen.
Egunkarietako tira grafikoak komunikabide bakoitzak hartutako lerro editorialen osagarri izan dira gehienetan. Modu horretan hautematen duzu "De Rerum Natura", ala autonomoa da erabat? Zure marrazkiak iritzi sailean agertu ohi dira...
Egia esatera hasieran nire zintak, ez galdetu zergatik, hortik barreiatuak egoten ziren, bilaketa berezia eskatzen zuten. Askotan pentsatzen nuen: "Gaur ez dute argitaratu!". Niretzat polita zen. Inork ez zekien non zeuden. Gero iritzi emaileen orrialdeetara eraman ninduten eta nire berezitasuna galdu nuen, bihurtu nintzen Anjel Lertxundi edo Miren Amuriza soil bat (karkarkar). Jada ez naiz espeziala! Baina ez, editoriala ere ez da. Ez dago editorial lan talderik atzean.
Zer bereizgarri ditu marrazkiak, alderatuta adibidez irratsaio satiriko batekin?
Oso zehatza izan behar zarela, ez dago tokirik askotarako.
Euskaraz aritzea muga ala abagune da zuretzat? Edo, besterik gabe, hizkuntza bat gehiago da eta kito.
Gazteleraz arrakasta handiagoa izango nuke, pentsatzen dut. Zenbaki kontuak dira, besterik gabe. Baina ni euskararen militantea naiz, hori hala da. Dena den, orain dela gutxi proiektu batean parte hartzeko gonbitea jaso nuen, gazteleraz, eta agian hizkuntza horretan egingo dut zer edo zer. Elebiduna naizela esan behar nuen, baina ez, ni naiz poliglota!.
Komiki-tiretara eramatea bereziki zaila den pertsonaiarik? Eta erraz marrazten duzunik? Urkulluren kasuan bere argazki bat baliatzen duzu…
Ni ez naiz karikaturista. "Ona" gehitu behar nuen, baina ezta "karikaturista" ere, ez naiz. Urkullurekin saiatu nintzen baina azkenean ikusi nuen bere argazkiak bazuela indar gehiago. Gero gauza bera egin nuen Otegirekin, ze desastrea! Bistan da Berria n ez zidatela marrazketa oposaketa batean parte hartzera behartu, dena izan zen entxufe bidez.
"Funtzionatzen duen" umoreaz hitz egitean maiz aipatzen da "inkongruentzia", pertsonaiak kokatzea ez dagozkien leku eta egoeratan. Ba al da loturarik inkongruentzia horren eta zure marrazkiek maiz islatzen duten surrealismoaren artean?
Bai, umorearen oinarrian lotura ilogiko eta harrigarriak daude. Niri lotura arraro horiek marraztea gustatzen zait, antxoa bat hozkailu batekin hitz egiten, esaterako.
---------------------------------------
Joseba Larratxe
"Errealitateak maiz duen puntu absurdua exajeratzea da umorea egiteko bidea"
LARRUN hau itxi behar genuen Patxi Huarte Zaldieroaren hitzekin, baina erabaki dugu galdera parea luzatzea H28 ko kolaboratzaile izan zen Joseba Larratxe irundarrari. Hark egin du azaleko ilustrazioa, erreportajea idatzi duen honek aldaketa batzuk proposatu ostean "esplizituegia" zen jatorrizko marrazkiaren gainean. Ausartagoa da marrazkilaria, agidanez.
Marraztean kezkarik –beldurrik– sentitzen al duzu? Bada autozentsurarik?
Azken boladan ikusi ditugun Mozal Legearen errepresio kasuen beldurrik ez dut izan. Baina onartzen dut euskaraz eta medio txikietan publikatzeak ( H28 ) askatasun handia eman didala nahi nuena marrazteko, banekien eta oso zaila zela kritikaren jomugan zegoenak kritikatua izan zela jakitea. Autozentsura egin izan dudan aldi bakanetariko batean beste arrazoi batzuengatik izan da. Adibidez, H28 rako bururatu zitzaidan zinta bat ez nuen marraztu matxista izan zitekeela iruditzen zitzaidalako.
Altsasuko gazteen auzia pil-pilean dago, La Manada... Nola egin umorea horien gainean? Zer eskatzen dizu barrenak horrelakoetan?
Ez dut uste erabaki kontzientea denik, baina esango nuke marraztu ditudan umore zinta gehienek aktualitatea zutela ardatz. Tamalez, gaurkotasuna albiste lotsagarriz beterik dago, eta beraz, asaldatzen nauten gai horiekin egin izan dut lan.
Gertakizun larriak izanik ere, beti daukate faktore absurdu bat. Altsasuko auzia kasuko: tabernako istilu bat terrorismo bezala epaituko zela esan baligute duela hamabost urte, barre egingo genuke, eta gero negar. Horrelakoetan, puntu absurdu hori exajeratuz azaleratzea da umorea egiteko bidea. Salaketarekin batera irri eginarazten duzu eta bidenabar irakurleari zertan pentsatu ematen diozu. Hiru gauza horiek betetzen dituen zinta lortzea da helburua.
'Charlie Hebdo'-ren kontrako atentatua
Uxoa Anduagak Jakin aldizkarian: "Atentatuak agerian jarri zuen umore senak afera nazionalarekin lotura duela ezinbestean. (...) Charlie Hebdo -ren satira arrazista horretan bazegoen, paradoxikoki, 'politikoki zuzena' zen diskurtsoa, estatu frantsesak defendatzen zituen irizpideekiko koherentea zen umorearen helarazpen bat. Atentatuak, beraz, umore sen –eta diskurtso– horren legitimazio soziala baino ez zuen areagotu, Charlie Hebdo -k egiten zuena umorea zela –ez iraina– eta frantziarra izanez gero horren alde egotea ezinbestekoa zela alternatiba gutxiko auzi gisa planteatuz (...) Onartuak, iragarriak, diruz lagunduak edo masiboki kontsumituak diren umore diskurtsoek estatu baten meneko kultura nazionalari koherenteki eusten diotela bistaratu zuen". | news |
argia-d7ee14338c4e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/errepresioaren-dimentsio-neurtezinak.html | Errepresioaren dimentsio neurtezinak | Itziar Bardaji Goikoetxea | 2018-06-24 00:00:00 | Errepresioaren dimentsio neurtezinak
Notre-Dame-des-Landesko ZADen, jendarmeen eta ekintzaileen arteko istiluetan, gazte batek eskua galdu zuen. Anputatua, guztiz, poliziak legalki erabiltzen duen granada batek lehertua. Burura etorri zitzaidan zeinen zaila izan daiteken erantzukizuna bere tokian kokatu eta mantentzea: zer egiten nuen nik istilu haietan, jakin behar nuen non sartzen nintzen, ez nuen arriskua ondo neurtu.
Iruñeko istiluetan iaz atxilotutako Oreretako gazteek gauza bera pentsa dezakete. Are zamatsuagoa izango zaie, agian, maite dituztenengan eragindako sufrimendua. Bisitan zetorkiona kotxe istripu batean galdu duen presoak nola berreraiki dezake bere bizitza? Zeinen zaila errua nork duen ez ahaztea.
Azkenaldian beste errepresio forma psikologiko latz bat areagotu da: ausazkotasuna, justizia erruleta errusiarra bihurtu baita. Altsasu da kasurik larriena, baina inondik ere ez bakarra. Hor ditugu lege antiterrorista, mozal legea eta bestelako batzuk, antolakuntza politikoa desaktibatzeko espresuki diseinatuak. Eta lege horiekin nahi dutena egiten dute. Absoluziotik 65 urteko kartzela zigorrera edozein gauza. Eta bi urte jakin barik. Zentzugabeko prozesuak eta zigorrak batzuentzat eta bala bat pistolan guztientzat. | news |
argia-69756e3a81a4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/erdi-aroko-harreman-ez-ikusiak.html | Erdi Aroko harreman ez ikusiak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-06-24 00:00:00 | Erdi Aroko harreman ez ikusiak
Worms (Renania), XI. mendea. Burchard apezpikuak gizonezkoen arteko sexu harremanak zigortzen zituzten legeei emakumeen arteko harremanen kondena erantsi zien, baina soilik sexu harreman horietan dildoak erabiltzen baziren.
Zakil artifiziala beren buruarekin erabiltzen zuten emakumeek urtebeteko kartzela zigorra jasoko zuten, bost urtekoa beste emakume batekin erabiliz gero, eta zazpikoa emakume hura moja izanez gero –mojak Kristorekin ezkonduta zeuden eta, beraz, adulterioa eransten zitzaion zigorrari–. Hortaz, lesbiana izateak, printzipioz, ez zekarren ondorio judizialik, tartean dildorik ez bazegoen.
Hurrengo mendean, Maria Frantziakoa (1160-1215) olerkariak, bere lais edo poema laburretan, horrela deskribatu zuen beste emakume batekiko harremana: "Musu nola ematen zenidan eta hitz goxoz nire bular txikiak nola laztantzen zenituen gogoratzen dudanean, hil nahi nuke, ezin zaitudalako ikusi". Asko ez badira ere, garai hartako beste antzeko adibide batzuk badaude, eta ez dirudi horregatik inor asaldatu zenik.
Baina horrek ez du esan nahi Erdi Aroko Europa paradisu lesbikoa zenik, hau da, ez zigortzeak ez zuen esan nahi onartuta zegoenik. Besterik gabe, harreman horiek ez zituzten kontzebitzen. Historialari eta antropologo askoren arabera, Erdi Aroko europar gehienentzat lesbianismoa ez zen ez krimena, ez bekatua. Garai hartan oso prozesu gutxi zabaldu ziren harreman lesbikoak izan zituzten emakumeen aurka eta gehienetan akusazioak atzera bota zituzten. Burchard apezpikuak hartutako neurriek erakusten dutenez, garai hartako mentalitatearen arabera, zakil (natural edo artifizialik) gabe ez zegoen sexurik.
Sexuaren kontzepzio mugatu eta estu hori gaur egun zabalduta dago oraindik, baina ez ikusiarena egitea Erdi Aroarekin batera bukatu zen. XIII. mendean, zehazki 1260an, Orleansen, Li Livres de Jostice et de Plet onartu zuten, harreman lesbikoak krimentzat jotzen zituen lehen kode zibila. Jainkozko zuzenbidea eta zuzenbide zibilaren arteko harremana estutzen ari zen. Eta Aro Modernoa ate joka ari zela, 1477an, lehenengoz idatziz jasota geratu zen emakume bat heriotzara kondenatu zutela beste emakume batekin harremanak izateagatik. Katherina Hetzeldorfer zuen izena eta Rhin ibaian ito zuten. | news |
argia-fdadd9d92d13 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2604/maria-luisa-fernandez.html | Eskulturak irri dagi | Xabier Gantzarain | 2018-06-24 00:00:00 | Eskulturak irri dagi
CVA kolektiboa sortu zuen Juan Luis Morazarekin 1979an, eta 1985era arte jardun zuten lanean. Arte kontzeptuala eta kritika instituzionala lantzen zituzten, ironia baliatuz, beti ere autoritatearen kontra. Euskal Eskultura Berria deitu zitzaion hartan sartu izan dute arte historialariek. 1985ean Gure Artea saria irabazi zuen eskultura alorrean. Erakusketa asko egin zuen hurrengo urteetan.
Baina gero, urte askoan ezkutuan bezala egon zen Maria Luisa Fernandez Olivera (Villarejo de Orbigo, 1955eko urriaren 24a), ez zen ageri arte munduan. Irakasle aritzeak artista irentsi zuela zirudien. Baina ez zen hala. Beatriz Herraez komisarioaren eskutik agertu zen berriro, indartsu, artearen plazara, 2015ean Bilboko Azkuna Zentroan jarritako Je je… ilargia erakusketarekin. Atzera begirakoa zen, aurrera egiteko behar zuena. Komisarioak egindako elkarrizketan ederki argitzen zuen kontua artistak: "Pentsamenduaren eraikitzean batek egiten duena bezain inportantea da egiten ez duena. Gelditzea aukera bikaina da, aberastu egiten zaitu. Garai bateko pasio bera daukat, eta aldi berean orduan ez neukan lasaitasuna, hobeto ulertzeko. Ilusioa daukat, gogoa daukat, eta espazio on bat, zer gehiago eska dezaket?".
Pasioa eta ilusioa ez zaizkio itzali, Madrileko Maisterravalbuena galerian dauka erakusketa oraintxe, uztailaren 18ra arte, izenburu honekin: 7,608,766,433 + – . Munduan bizi garen pertsona kopurua da, gutxi gorabehera. Beti izan du abilezia berezia izenburuak jartzeko orduan, jostaria da, umorea baliatzen du, esaera zaharrak, ikuslea bere munduan sartzen asmatzen du. Eta bere mundua eskultura da. Materia, koloreak, formak, mundua zertaz egina den galdetzen dutenak.
Eta gizakia, dena hondatzen ari den espezie hori, zer den. | news |
argia-581795f74c30 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/amazigh-herriaren-ahotsa.html | Amazigh herriaren ahotsa | Dabi Piedra | 2017-02-26 00:00:00 | Amazigh herriaren ahotsa
Amazigh herriaren musika eta poesia errezitaldia eskaini zuten Bilboko Hika Ateneoan otsailaren 10ean, Rifeko gizarteari elkartasuna adierazteko
Euskal Herrian bizi diren amazighen topaleku bihurtu zen Bilboko Hika Ateneoa. Maroko iparraldeko Rif eskualdetik egin dute gure arterainoko bidea haietako askok, edo haien gurasoek. Musikaren eta poesiaren inguruan, jai ederra antolatu zuten riftarrek. Baina beste asmo bat ere izan zuen ekitaldiak: Gobernuak ematen dien tratua dela eta, protestan ari dira Rifen, eta hango jendeari elkartasuna adierazi zioten Bilbotik.
Rifeko jatorririk ez dugun entzuleontzat, berriz, beste kultura bateko hizkuntza eta adierazpide artistikoak ezagutzeko aukera aproposa izan zen gaualdi hura. Amazigh asko bizi dira gure artean, eta ia ezer ez dakigu haien inguruan! Hika Ateneoko ekitaldiak haien ospakizunetan zein borroketan murgildu gintuen.
"Gure kultura erresistentziaren kultura da", azaldu digu Hafid-ek, saioaren antolatzaileetako batek: "Rifen borroka politiko, sozial eta kulturala dago, oinarrizko eskubideak ere ez dizkigute onartzen". Segurtasun indarrek arrain-saltzaile gazte bat hil zuten zaborra txikitzeko makinan eta egoerak gainez egin zuen. Herritarrek protesta ugari egiten dituzte astero eta militarrek eskualdea era itogarrian hartua dute. "Altxamendu antolatu baina baketsua da", dio Hafidek, "oinarrizko gauzak baino ez dituzte eskatzen, Rif Marokoko lekurik baztertuena eta pobretuena baita".
Rifeko Errepublika laburreko bultzatzaile izan zen Abd-el-Krim ezagunaren heriotzaren urteurrena gogoratzeko ekitaldia ere bazen Hika Ateneokoa. Horregatik, frantziar eta espainiar botereei aurre egin zien liderraren erretratua zegoen oholtzaren alboan. Behean, Rifeko Errepublikako eta Euskal Herriko banderak elkarren ondoan. Eta amazigh herriaren ikur hori-berde-urdina ere nonahi: horman zintzilik, entzuleen txanoetan…
Artistak oholtzara igo ziren. Lehenik, Ahmed Akean kantautorearen txanda izan zen. Al-Hoceima hirian jaio zen Akean, baina Europan bizi da egun. Haren doinu alai eta letra konprometituak atsegin handiz hartu zituen publikoak. Amazighera ulertzen ez dugun arren, jendearen oihuak eta txaloak kontuan izanda, badirudi artista estimatua dela Akean Rif aldean.
Ondoren, Fikri Tizakrine igo zen eszenatokira, poesia errezitatzera. Apal-apal, olerkiak koaderno arrunt batean idatzita zituela ekin zion lanari. Ahapaldiek aurrera egin ahala, giroa berotzen joan zen. Hor ere, hitzak ez genituen ulertu, baina azpian zeuden sentipenak bai.
Hurrengo protagonistak lau gazte izan ziren. Rifekoak ez dira, baina bai amazigh herriaren beste adar batekoak. Orain Barakaldon bizi dira eta talde bat antolatzea erabaki dute. Tresna tradizionalak erabilita, batez ere perkusioa, beren herritik ekarritako doinuak lantzen dituzte. Hauek ere amazigheraz abestu zuten.
Luze jo zuen gauak, musika eta aldarrikapen artean. Hizkuntza debekatu diete Rifeko amazighei, beren neurriko hezkuntzarik ez dute eta hedabiderik ere ez. Hortaz, musika dute beren sentipenak, kezkak eta aldarrikapenak transmititzeko bidea. "Gure ondare kultural eta soziala zabaltzen laguntzen digu musikak". | news |
argia-57c3b56f980d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/gaztaroan-erditu-rock-heldua.html | Gaztaroan erditu rock heldua | Iker Barandiaran | 2017-02-26 00:00:00 | Gaztaroan erditu rock heldua
Pasa den Durangoko Azokan izan nuen talde honen berri lehenengoz. Landako kanpoan argiztatu gabeko mahai txiki bat zuten jarrita eta hantxe CD beraren sorta. Lauzpabost gazte mahaiaren bueltan eta han egoteko arrazoi bakarra: durangarrak izanda ere, Gerediagak ukatu ziela diskoa Azoka barruan saltzea. Elkartasunagatik, taldea ezagutu gabe, diskoa erosi nien eta eskertuta agertu ziren. Broma artean aipatu nien han kanpoan egoteak ikusgarritasuna gehituko ziela. Gero, etxera heltzerakoan, diskoa prezintua-kendu-gabekoen multzoan utzi nuen. Eta, hara non, duela gutxi lagun batek zuzenean ikusi zituela aipatu zidanean, entzutera jo nuen. Hala, profezia bete da.
Gaztea da taldea eta gazteak partaideak, baina dagoeneko Bizkaia aldean makina bat emanaldi egindakoa da boskotea. Estreinako lan honetan kantu berriak aurkezteaz gain, taldearen hastapenetako bi pieza, amorratuagoak, ere batu dituzte. Taldeak izan duen eboluzioaren erakusle, eta uzten badiogu, eboluzionatuko duenaren atari.
Durangoko harrobian esanguratsuak izan dira punk-rock eta antzeko koordenada rock-eroetan aritutako taldeak. Nevadah ere eskola horren hurbilekoa (izan) da, baina kasu honetan finagoa da emaitza eta bestelako tempo eta ñabardurak batu ditu, bluesarenak adibidez, eta, esaterako, distortsioari uko egiten diote neurri handian. Seguruenik grabazioari berari kantuei distira handiagoa atera ahal dakiokeen arren, emaitza aberatsa lortu du taldeak. Gustatu zait!
Mantis punk-rock rock-and-rolleroa da, erritmo eta melodiatan Pleasure Fuckers, NCC, AEBetako punk-rocka eta Tequila gogora ekartzen dituena. By my own -en hitzek Neil Young hezur-haragian berpizten badute ere, pisu malenkoniatsua duen rocka da, erritmo faltan ez dagoena eta gitarra indartsu zein Stiv Bators-en legatua duena. Harribitxia! Following the lights ere aparta iruditu zait: tempo oso lasai eta melodia bereizgarritik abiatuta erabat borobildutako punk-rock-and-roll argigarria da. I'm a man piezak, berriz, badu rock-and-rolletik, hard rocketik –Rose Tattoo– eta soularen esentziatik. Don't close the door blueseroa da erabat, arimaz eta hezurrez, garatu ahala garraztu eta gaiztotzen dena.
Kantu berri horiei batu dizkiete taldearen hastapenetatik berreskuratutako bi opari anfetaminikoago hauek: The Raunch Hands edo Crypt familian erditu ahal zezaketen Sad city blues eta high-energytik zein TSOOLen dotoretasunetik jantzitako Iggy dog bortitza. Gaztetasunean bada ere, maila ederra taldearena eta erregistro eskaintza zabal eta egiazkoa abeslariarena. | news |
argia-27f2bdc74b82 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/mobilizazioa-desmobilizazioa.html | Haserrea aldaketarako motor | Estitxu Eizagirre | 2017-02-26 00:00:00 | Haserrea aldaketarako motor
Herritarrok batzuetan gure buruarekin harritzen gara, mundua eta gure bizi baldintzak dantzan ikusi arren, dugun egonarriarekin. Tripak mugitzen zaizkigu, bai, baina ez, nonbait, kalera jotzeko adina. Azken urteotan mobilizazioak antolatzen ari diren kide hauengana jo dugu, gako bila: Donostian bildu gara mugimendu feministako Kattalin Minerrekin. Gasteizen hartu gaitu Zigor Olabarriak, azken urteak Eleak/Libre mugimenduan, Lurralde Askea egitasmoan eta auzogintza ardatz duen Auzolana pilotaleku okupatuan eman dituenak. Eta Baionako Bizi!-ren egoitzan azaldu digute nola daramaten aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, lau kide hauek: Xabier Harlouchet, Anaiz Aguirre-Olhagaray, Christian Detchart eta Elise Dilet.
Ez da erraza hankak lur sendotan sentitzea, mundua dantzan dagoenean. Horrela azaldu du Zigor Olabarriak nola ikusten duen testuingurua: "Jendarte ereduaren aldaketa prozesuan gaude, mendeetan behin ematen den horietako batean. Mundu mailako aldaketa da, aldaketa klimatikoari eta energia ereduaren agortze fisikoari lotua, kolapsoaz hitz egiten da... Munduko ekologia krisiaz gain, Mendebaldean ongizatearen paradigma (inoiz osoki garatu ez den arren gutxieneko batzuk ezartzen dituena) agortuta dago, edo hobe esanda, erabaki dute agortzea eta horrek ere jendarte ereduan aldaketa handiak dakartza. Hurrengo urteetarako irudikatzen dudana, kasurik muturrekoenean kolapso apokaliptikoa da, eta kasurik onberenean, Latinoamerikako jendarterantz goazela iruditzen zait: askoz gizarte bortitzagoetara, jendeen artean askoz ere ezberdintasun ekonomiko eta kultural handiagoak izango dituena, erakundeak segurtasunaz soilik arduratzen direna... Egoera nahasi honetan, arriskua dugu jendarteak faxismora jotzeko. Eta era berean aukera dugu gauza justuagoetara jotzeko. Eta munduko eta Mendebaldeko aldagai horiei, Euskal Herrian beste bat gurutzatzen zaie: borroka ziklo baten amaiera".
Noraezak, ahuldadeak, irtenbideak eta indarrak
Azaldutako testuinguruan, eta hankak herrigintzako lohietan, Olabarriak "noraez orokorra" sentitzen du, ahuldadeetatik eta galderetatik hitz egiteko beharra: "Desmobilizazio handia dago eta ez da oraingo kontua. Lizarra-Garazi garaitik esaten zen herri mugimenduak krisian geundela, beherantz gentozela. Ez da Euskal Herriko kontua soilik. Kontraesana da, ikusten dugu baldintza objektiboak (marxismo klasikoak esango lukeen moduan) kontuan hartuz gero, egoera aurre-iraultzailean gaudela, eta aldiz, nolako bake soziala dagoen! Lotsagarria da". Umorez kontatu du, Historia ikasita atera duen ondorio nagusia dela iraultzen aurreko uneetan ozta-ozta sumatzen direla zantzuak, gerora saiatzen dela Historia gertakizunen zergatiak logikoki ulertzen. Adibidetzat hartu du Gasteizko 1976ko martxoaren 3a: "Aurreko urteetako gatazka maila aztertzen badugu bai Espainian eta bai Euskal Herrian, Araba lasaitasun irla bat zen. Arabakoa langileria gaztea zen, Extremaduratik etorria, esperientzia militanterik ez zuena... eta hilabete gutxi batzuetan, dinamika hasi zen eta su hartu zuen. Beraz, egun ez dela ezer mugitzen ari dirudien arren, jakin ezazu!". "Desmobilizazio orokorra" sentitzen badu ere, ez du dudarik herri mugimenduetan lan egiten jarraitzeak merezi duela: "Egunen batean agian sortuko da indignazio maila handi bat, eta landua baldin badaukagu sare bat, herritarrengan kultura bat, auto-antolaketarako ohitura eta abar, momentuari atera ahalko zaion etekina eta hor sortzen den indarra nora bideratu ahalko dugun ezberdina izango da. Euskal Herriko esperientzia zehatz batzuez gain, nik azken urteotan ipar ilusionagarrienak Latinoamerikako desjabetuen zenbait mugimendu komunitarioetan eta feminismoetan, bereziki erradikaletan aurkitu ditut (Euskal Herriko feminismoen urteotako bilakaera ederra ari da izaten). Horietatik ikasten saiatzean, ni bezalako gizon txuri mendebaldarroi entzutea, galdetzea eta gure buruak eta pribilegioak zalantzan jartzea dagokigu. Erraz esaten da hori, baina ez dut bere pribilegioak borondatez abandonatu dituen inongo giza-talderen berririk".
"Mobilizazioak festa dira egun. Oso haserre gutxi adierazten da, kasu puntualak kenduta. Martxoak 8 batean oso buila gutxi egiten da, edo azaroak 25ean: erailtzen gaituzten bitartean, nahiko protokolario bizi dugu egun hori..." esan digu Emakumeen Mundu Martxa koordinatzen eta irudian ageri den Feministok Prest! manifestazioa antolatzen aritutako Kattalin Minerrek. 2016ko apirilaren 9an indarkeriaren aurka Gasteizen egindako manifestazioan ez zen falta izan oihu eta haserrerik.
Kattalin Miner, Emakumeen Mundu Martxako koordinatzaile aritu zenak, ez du nora-ezik aipatzen: "Feminismotik urteak daramatzagu esaten badugula beste jendarte proposamen bat". Ez da ahuldadeez eta desmobilizazioaz mintzo, agian, indartuz doan feminismoan ari delako lanean: "Martxoak 8 eta azaroak 25eko mobilizazioetan, azken urteetan, gora goaz, nabarmen. Eta hori da feminismoa indartsuago dagoelako, neska gazte gehiago daudelako antolatuta, eta badelako jende asko ez dagoena antolatua baina manifestaziora joaten dena". Oinarrizko lanen fruitua dela dio, ikastetxeetan lana egiten ari delako, hedabideetan, inoiz ez diotelako utzi kalean aldarrikapenak egiteari... Borroka armatuak borroken hierarkizazioa indartzen zuela eta egun borroka anitzek garrantzia handiagoa hartu dutela kontatu du: "Lehen gai bakarra zen lehenengoa, feminismoan oso ohituta gaude hierarkian hirugarrengo edo laugarrengoak izaten. Oraingo egoeran bai polifonia bat bilakatzen ari dela mugimendu ezkertiarra. Ez dakidana da borroka armatua egon zen bitartean lehentasuna izan zuten mugimendu horiek prest dauden polifonia hori entzuteko eta bere egiteko. Gu oso prest geundela momentu hau iritsi zedin? Bai. Beste batzuek ipar-orratz hori gabe geratu direnean, galduta daudela ahots horien guztien artean? Baita ere".
Bizi!-ko Elise Dilet.
Xabier Harlouchet klima aldaketa eragozteko helburuz sortutako Bizi! mugimendutik mintzo da. Duela zazpi urte sortuz geroztik, 20 kide izatetik 440 baino gehiago izatera pasa dira. Harrotasunez kontatu digute beren ekintzek oihartzun handia eta gizartearen atxikimendua lortzen dutela eta ondorioz, errealitatean aldaketak lortzen ari direla. Frantziako Estatuan ere eredutzat hartzen dituzte eta nazioartean sare gero eta sendoagoa josten ari dira elkarrekin ekintzak egiteko. Indargunetik mintzo da Harlouchet ere, eta nora-ezik ez, aitzitik, Bizi!-k iparra eta bidea ere oso definituta dituela kontatu digu: "Desafioa da, justizia sozialaren ildotik larrialdi ekologiko eta klimatikoari aurre egitea. 10-15 urte ditugu berotegi efektuzko gasen isurketa molde erradikalean ttipitzeko eta klimaren erotze atzerabiderik gabekoaren saihesteko. Ondorioz, erronka da, ikustea nola dinamizatu gure sare militanteak eta nola gomitatu belaunaldi militante berri bat borroka eta mobilizazioaren ikuspegi estrategiko batekin: aliantza zabalak lortuz masa mobilizazio mugimendua izateko, arrazoia eta irudimena uztartuz, umorea eta seriotasuna, bortxa eza eta determinazioa... Horren bidez indar harremanen aldatzeko eta behar ditugun garaipen erabakigarriak eta jendartearen aldaketa sakonen lortzeko".
Bizi!-ko Christian Detchart.
Bizi! mugimenduak bere burua "erradikal eta pragmatiko" definitzen du. Pragmatikoak dira, helburu batzuk finkatzen dituztelako argiki mugatuak eta unean bertan lorgarriak direnak. Esaterako, norbanakoak bere eguneroko bizitzan klima aldaketari aurre egiteko hartu ditzakeen neurri zehatzak proposatzen dituzte, eta Herriko Etxe denei ere 50 fitxa tekniko proposatu dizkiete, erreminta gisa. "Era berean, neurri zehatz horiek erradikalak dira, helburu horiek beren baitan eramaten baitute eraiki nahi dugun jendartearen aldeko aldaketa globalago baten ideia". Harlouchetek dio era horretan indar metaketa baten dinamika abiarazteko aukera izaten dutela, "helburua lortua delarik, gehiago gara, indartsuago gara eta beste helburu handinahiago batzuk finkatzen ahal ditugu. Hori deitzen dugu helburu estrategiko baten palanka efektua".
Olabarriak ziurtasun gutxi batzuk baditu nondik borrokatu pentsatzeko, "baina gero, nabilen mugimenduetan ez dakit printzipio horiek nola gauzatu". Bere helburua desertzioa dela azaldu du: "Patriarkatu kapitalistatik eta bere parametroetatik desertatzea. Desertatzea ekonomikoki, politikoki, fisikoki, psikologikoki, emozionalki... eta horretarako, alternatibetan zentratzea. Goazen gure baliabideak eraikitzera, mundu hau bizigarri egiteko. Eta kolapsoa baldin badator, sare batzuekin harrapatu gaitzala, praktika komunitario batzuekin...". Zehaztapen hau egin du: "Desertzioa bai, baina jendarte guztiarentzako. Komunalena oso polita da, Errekaleor... baina horiek ez dira guztiontzako".
Bizi!-ko Xabier Harlouchet.
Desertzio horretarako bi baldintza ikusten ditu ezinbesteko: "batetik, benetan okerren dagoen jendearekin joatea. Jende horrek izan behar du protagonista. Eta bestetik, politizatuta ez daudenekin egin behar dugu lan, zeren ohituta gaude konbentzituta gaudenon arteko elkarrizketetara". Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua jarri du eredu: "Aldirietara, faveletara joaten dira diskurtso oso sendoarekin eta jendea gonbidatzen dute lurra okupatzera. Jendeak eurekin bat egiten du, lur zati bat behar duelako, ez beste ezergatik. Inongo esperientzia militanterik gabe sartzen dira benetan baztertuetan baztertuenak direnak: prostituzioan ari direnak, drogan kateatutakoak... Baina antolatzen diren moduari esker, politizatzen joaten dira, prozesuan bertan ahalduntzen: guztiek dute ardura handi bat, osasungintza, eskola, segurtasuna...". Euskal Herrira itzulita, zer pentsa ematen dio fokua non jarri: "Elkarbizitza kulturaz eta ari gara baina panorama ikusita, agian urte batzuetan arduratu behar gara behar lurtarragoez: etxebizitzaz, janariaz...". Helburua garbi izanagatik, ahuldade handi bat seinalatu du: "Ez daukagu zubirik ere jende horrengana iristeko. Nor ari da jende pobrearekin lanean eta benetan eguneroko beharrak asetzen baina modu despolitizatuan? Eliza, asistentzialismoa". Benetan ahulen daudenekin batera borroka egin behar dela, diskurtso hori zabaltzen ari da, baina kritiko da bi zentzutan: "Ez dakigu praktikan nola egin eta bestetik, ez dugu nahi. Oraindik deseatzen gaude hainbeste kritikatzen genituen garai oparo haiek itzul daitezen".
Noiz mugitzen gara?
Goazen orain mobilizatzen garen uneetara, motibazio faktoreen bila. Minerrek hiru mota bereizi ditu: "Bata, zuri edo zure inguruko bati zerbait gertatzea eta ondorioz, mugimendu batekin batzea. Horrelakoetan, injustizia batek zaramatza mugimendura batzera, identifikazioa da gehitzera zaramatzana. Badira beste momentu batzuk, mugarriak direnak. Eraso gogor bat jasotzen du gizarteak, demagun abortuaren legea, edo orain Trumpekin AEBetan ikusten ari garena... gizarteak azkar erantzuten badu mobilizazio handia sortzen da eta errazagoa da jendea bertara gehitzea, inplikazio pertsonalik sentitu gabe edo ardurarik sentitu gabe. Momentu horretan jendea zerbaiten parte da, baina antolatu gabe. Eta hirugarrenik, badira kanpainak, mugimendu batek helburu batekin antolatzen dituenak, eta hor mugitu daitezke lehendik konbentzituta zeudenak soilik, edo egin daiteke saiakera on bat eta beste batzuen inplikazioa lortu".
Mobilizatzeko argudioak, datuak eta arrazoiak behar ditugu, baina mugitu, emozioek mugitzen gaituzte. Minerren hitzetan, "argudio emozionalak eman behar dira, mobilizatzeko. Presoen gaira bagoaz, legeak zer dion ez zaigu asko axola, badakigulako ez direla betetzen ari. Baina legeen aurrean sentitzen dugun injustiziak bai mugitzen gaitu. Indarkeriaren gaian berdin, atera ditzakegu datu hotzak mobilizaziora deitzeko, baina testigantza indartsu batek gehiago mugitzen gaitu... arrazoia badaukagu, baina emozioen bidez iristen gara jendearengana".
Elise Diletek irtenbide bat aurkeztearen garrantzia nabarmentzen du, jendea mobilizatzeko: "Bizi!-k lortzen du mobilizatzea, esperantza ematen dugulako, beti alternatibak ematen ditugu. Behar da ikusi irtenbide bat, bestela, zertarako mugitu? Bizi!-n azaltzen dugu zergatik haserretu behar den, baina baita ere zer egin haserre horrekin. Norabide bat ematen dugu, eta norabide hori da esperantza. Haserrea da motorra eta esperantza da bolantea. Emozio baikorrak ere behar dira mobilizatzeko". Umorea ere gako dela azaldu du: "Umorea erabiltzen dugu, nahiz eta gaiak biziki larriak izan. Horri esker gaia ez da pisua egiten". Anaiz Aguirre-Olhagarayk "borroka alaiki" egiten dutela gehitu du.
Zigor Olabarria: "Errepresioa gainditzeko, ildo nagusiak izan behar du eskubideak era agerian, aurpegia erakutsiz eta ahalik modu masiboenean erabiltzen jarraitzea. Baita aurpegia estalita ere, errepresioa zailtzeko baliogarria denean (Herri Harresietan maskarekin egin genuen moduan). Horrela egiteak eta gainera kolorez eta umorez, gaurko jendarteak dituen zilegitasunaren marjen estuak zabaltzen ditu".
Emozioek mugitzen gaituzten seinale, Olabarriak azaldu du Herri Harresiak "mugimendua emozional gisa" definitu dituztela: "Oso intentsuak baitira. Kide baten ondoan zaude eta badakizu bi astetan kartzelara doala urtetarako. Hori igartzen da giroan, hurbilekoa bada hauskor zaude, ukituta, intentsitate handiz bizi duzu dena...". Herri Harresien indar handietako bat, justu, emozioak kolektibizatzeko eta partekatzeko gaitasuna izan dela dio: "Gure kulturan, errepresioaren aurrean kolektibizatu izan den sentimendua alde indartsua izan da 'egingo diot aurre, honekin ahal dut, animo...'. Baina momentu tristeak eta ahulak, horiek neska-lagunarentzako ziren, gurasoentzako, edo norberak isilean pasa beharrekoak. Herri Harresietan lortu izan denean emozio horiek guztiak kolektibizatzea, emozio horiek ere konpartitzeko guneak sortu direnean, potentzialtasuna biderkatu du, bai barrura begira eta baita kanpora begira ere. Urtetan uste izan dugu zaurgarritasuna agertzeak gu ahultzen gaituela eta etsaia indartu. Eta praktikan ikasi dugu alderantziz dela, 'humanizatu' egiten gaitu. Bietatik behar da, hortzak erakustea batzuetan, eta beste une batzuetan xamurtasuna".
Zergatik ez gara gehiagotan mugitzen?
Zigor Olabarria: "Esaten dugu 'sistemak kanpo uzten gaitu!' eta maila batean egia da, baina badakigu askoz kanporago egon gaitezkeela, zer galdu asko daukagula eta justu galera hori da gehien arduratzen gaituena"
Olabarriak hatza sartu du guztion zaurian: "Boterearen parametro mentaletan sartuta gaude erabat. Uste dut gure bizitzetan egun ez dagoela botereak kontrolatzen ez duen espazio hutsik: Behartzen gaitu lan egitera, kontsumitzera, etxean erreproduzitzera modu heterosexualean, etxean gauza batzuk kontsumitzera eta ikustera... mezuak eta baloreak jasotzen ari gara egunaren %100ean. Sistemak kolonizatu ditu ez bakarrik gure ideologia agerikoa, baita gure desioak, gure sexualitatea, gure alderik intimoenak ere. Ahalik gehien sedukzioz egiten du, eta hortik aurrerakoa beldurraren bidez. Guzti horretatik deseraikitzea oso zaila da, oso identifikatuta gaude". Gauzak horrela, mobilizatzerakoan pentsamendu bikoitza bizi dugula azaldu du: "Esaten dugu 'sistemak kanpo uzten gaitu!' eta maila batean egia da, baina badakigu ez dela egia. Badakigu askoz kanporago egon gaitezkeela, askoz okerrago egon gaitezkeela, zer galdu asko daukagula, eta orokorrean baino hobe gaudela. Euskal Herrian hobe gaudela munduarekin alderatuta, Espainiako Estatuarekin alderatuta... eta bada kontraesan handiago bat: herri mugimenduetan gabiltzanak eta egoerarekin arduratuta gaudenak ez gara Euskal Herriko behe klasea. Herri mugimenduetan gabiltzanak klase ertain-altua gara. Gure eguneroko hautuak ez ditugu alternatibak eraikitzeko bidean egiten. Egiten ditugu daukaguna ez galtzeko logikatik eta justu galera hori da gehien arduratzen gaituena. Eta normala da, hori ere barkatu beharko diegu gure buruei". Horrek mobilizatzerakoan duen eragina azaltzeko, Frei Betto-ren hitzak ekarri ditu: "Buruak pentsatzen du oinek zapaltzen dutena", eta zintzotasunari eustea proposatu du: "Bai, noski, gure etxearen hipotekak eta gure seme-alaben etorkizunak baldintzatzen gaitu eta ez gaitu iraultzaile egiten, oso lotuta gaudelako. Agian hortik abiatu beharko dugu, zintzoagoa litzateke".
Betiko manifestaziotik, nora?
Mobilizazio guztiak direla erritualak azaldu du Olabarriak, eta bere ustez manifestazioa eta kontzentrazioa erritual gisa agortuta daudela: "Ez dut esaten ez direnik egin behar, baina ezin dute ardatza izan, geronek ez dugulako sinesten, geroni ez gaituztelako hunkitzen. Zenbat urte dira manifestazioetan ez dela oihukatzen? Bagoaz paseoan, ez dugu entzuten amaierako komunikatuan esaten dena... eta hori guztia transmititu egiten da kanpora ere. Kalean egoteari berezko balorea ematen diot. Baina jendearekin eta gure artean beste era batera komunikatu behar gara. Gure bileretan ordu erdi eskaintzen genion kontzentrazioen formatua birpentsatzeari, esaterako, pankarta bat baino gehiago egitea, bideoak erabiltzea, esku-orriak banatzea... baina ez ginen gai izan aparteko ekarpenik egiteko".
Egungo mobilizazioen tonuarekin kritiko da Miner: "Nik uste mobilizazioak festa direla egun. Oso haserre gutxi adierazten da, kasu puntualak kenduta. Martxoak 8 batean buila gutxi egiten da, edo azaroak 25ean: erailtzen gaituzten bitartean, nahiko protokolario bizi dugu egun hori... ez dut uste mobilizazioa borroka esparru gisa ikusten denik hainbeste. Aldatu da jendearen jarrera: mobilizazioa bakean egin nahi dugu, pozean, umorez... eta bai, umoretik egin behar dugu iraultza eta ospatu egin behar ditugu gauzak, baina haserre ere atera behar da kalera. Edo dantzan, baina indartsu. Haserrea falta da kalean. Eta haserrea gauza ona da, ongi kanalizatuz gero".
Olabarriak tonu aldaketa hori Euskal Herriko borroka ziklo aldaketarekin lotu du: "Aldaketak egitean joera dugu mutur batetik bestera jotzeko. Badirudi orain denak atsegina izan behar duela, dena irribarrea izan behar duela... eta noski behar dugula alaitasuna partekatzea, baina baita ere behar dugu haserrea. Haserrea ere erregai bat delako, alaitasuna ere erregaia den bezala. Gaurko munduan sentsible izateak haserrea dakar! Ez bagaitu haserretzen eta ez badizkigu tripak mugitzen hainbesteko injustizia ikusteak... Sanoa da injustizia ez aguantatzea. Horrek eramango gaitu zerbait egitera, agian kalkulu aldetik ez dena ona baina benetakoa dena, ez pose bat. Bestela ez da egiazkoa. Ez bagaitu sutzen munduan dagoen panoramak, akabo"!
Aguirre-Olhagarayren hitzetan, Bizi!-n gehien antolatzen dituztenak ekitaldiak dira: "Eta plazera zaintzen dugu, beti behar da une goxo bat pasatzeko parada, jatekoa eta edatekoa izan... festa". Diletek gaineratu du: "Baina mamiarekin. Manifestazio arruntak ez ditugu antolatzen". Mezua errazago jendarteratzeko saiatzen omen dira ezohiko manifestazioak antolatzen, musikarekin, lema bereziekin, eta parte hartzeko modu bereziekin (esaterako, munduko aberastasunaren desoreka irudikatzeko, aberatsen manifestazioa egin zuten, aberats mozorrotuta).
Gehiagorengana iristeko
Elise Dilet: "Behar da ikusi irtenbide bat, bestela, zertarako mugitu? Bizi!-n azaltzen dugu zergatik haserretu behar den, baina ere zer egin haserre horrekin. Haserrea da motorra eta esperantza da bolantea"
Minerrek argi dio anbiziotsuak izan behar dutela gizarte mugimenduek, ezin dutela konformatu bere publiko potentzialarekin: "Gehiagorengana iristeko, ez dut uste diskurtsoa arindu behar denik. Jendeak sentitu behar du mugitzen denean zerbait erradikalaren alde ari dela, alegia, mezuak indarra duela. Mugimendu feminista, bestela ere, beti deslegitimatzen dute. Beraz, deslegitimatu behar bagaituzte, izan dadila esan duguna esan dugulako, ez doan".
Mobilizazioaren aurretik giroa sortzea ezinbestekoa dela azaldu du, deialdia kartel batera mugatu gabe. Horretarako bide bat da atxikimenduak biltzea, baina sinaduratik aragoko inplikazioa eskatuz, adibidez, herritar bakoitzak bere atxikimendua argazki, bideoz, esaldiz adierazteko aukera emanda. Eta mugimendu horren publiko potentziala ez denarengana joan eta aurrez aurre biltzearen aldekoa ere bada: "Mugitu behar dugu guretzat deserosoak diren lekuetara eta jendearentzat gure diskurtsoa deserosoa den lekuetara. Adibidez, auzo elkarte bat, ez dena bereziki feminista, eta agian gizonezkoak direnak ia denak. Jendea harritu egin behar dugu, zer egiten ari garen kontatzen diogunean: 'Nahiko genuke zure auzo elkartea etortzea manifestazio honetara'". Jendearengana zuzenean iritsi behar dela eta jendeak parte sentitu behar duela argi du: "Non dago gazte jendea?, esaten da. E, jende gaztea ari da gauzak egiten, e! zuk joan behar duzu berarengana. Baina ez zurera ekartzeko, baizik, joan eta ondoan egon, entzuten. Migranteekin berdin, gauza pila bat egiten ari dira, joan eta ikusi. Maiz iruditzen zaigu gurea dela mugimendu erreala eta gureganatu egin behar ditugula beste jendeak, jendea ez dela ezer egiten ari. Jendea gauza pila egiten ari da, baina zure mugimenduan ez du interesik izango, ez baduzu mugimendu hori berarentzako ere bizigarri egiten".
Bizi!-n ere mobilizazioen aurretik giroa berotzeko hitzaldiak egiten dituzte, horrela gaiari buruzko azalpenak eta formazioa ematen dute, ekintza iragarri eta esanahia azaldu.
Oinarria handitzea, mobilizazioen gakoetako bat
Aguirre-Olhagaray: "Bizi!-k erakusten du edonork parte hartzen ahal duela eta edonork baduela zerbait ekartzeko, nahiz eta ez izan espezialista ekologian edo klima aldaketan"
Egunerokoan mugimenduan inplikatutako jende gehiago egoteak ekarri du mobilizazioetan ere jende gehiago biltzea, bai mugimendu feministan eta bai Bizi!-n. Bizi!-ko kideek horrela kontatu dute nola lortzen duten jende berria erraz batzea: Herritarrek beren ekintzak ikusita izaten dute mugimenduaren berri, askok, Baionako festetan goizero egiten duten "kale apainketa" bidez: "Kola txandak badira eta kalez kale afixak itsatsiz apainketa komunikatiboa egiten dugu; hor pasatzen ditugu urteko edo sasoiko mezuak, kanpainen arabera. Jende askok horrela ezagutu du Bizi!" kontatu du Christian Detchart-ek. Bizi!-ra inguratzeko pausoa ematen dutenek, parte hartzeko modu irekiarekin topo egiten dute. Aguirre-Olhagarayren hitzetan: "Bizi!k erakusten du edonork parte hartzen ahal duela eta edonork baduela zerbait ekartzeko, nahiz eta ez izan espezialista ekologian edo klima aldaketan". Militantzia anitza da gakoa, Harloucheten ustez: "Perfil ezberdinak dituzten herritarrek parte hartzen ahal dute… txosten eta ikerketak egitetik, ekintza batean eskalada egitera edo manifestaldi ikusgarrien antolaketara, denentzat tokia bada... Bizi!-n militatu daiteke gaika, guneka, edo alor teknikoan: batzuek gai zehatz batek ditu interesatzen eta lan sail tematiko bat dute parte hartzeko. Beste batzuek, guneka, bere inguruan, bere auzoekin egiten dute lan Bizi!-k lantzen dituen gaiak praktikan emanaz. Eta hirugarrenik, parte-hartzea izaten ahal da teknikoa; esaterako, Detchart eta biok, itzulpen taldean ari gara. Etxetik eta gauez lan egin dezakegu".
Parte hartzeko gakoetako bat "dimentsio soziala" dela azpimarratu dute Aguirre-Olhagarayk eta Diletek: "Bizi!-ra erakartzen duena bada talde giroa ere. Badakigu seriosak izaten eta bi oreneko bilkurak egiten, baina baita ondotik trago bat hartzen eta elkar ezagutzen ere. Anitz jende ezagutzen dugu, lagun bilakatzen gara... horrek on egiten du". Mugimendu feministatik Minerrek ideia bera azpimarratu du: "Jendea asko zaindu behar da. Norbaitek bilerara pare bat kale egin badu deitu eta galdetu ea agenda arazoengatik den edo eroso sentitzen den taldean..". Olabarriak ere argi du: "Giro ona duen talde batek edo soilik erabakiak hartu eta ardurak banatzeko biltzen den taldeak egiten duena ez da inondik ere gauza bera".
Minerrek kontatu du feminismoan aritzea asko aldatu dela azken urtetan: "Ni duela 12 urte hasi nintzen, eta oso gutxi ginen eta oso sentsazio bakartia zen. Herrian fama txarra, argudioak oso garruloak, inpotentzia handia, beste mugimendu sozialek gure beharrik ez... Orain feminismoak beste egoera bat dauka, taldean babestuago gaude, ez gaude bakarrik, sare sozialek laguntzen dute, medioetan gaia agertzeak ere bai, jendeak ez du esaten 'nire auzoko horren harrikada da'. Emakumeen portzentaje oso altu batek badakigu sakonean feministak garela edo izan beharko genukeela, beste gauza bat da nahiago izatea esatea 'ni ondo bizi naiz, nik ez dut zapalkuntzarik sentitzen'... bakoitzak bere moduak ditu bizirauten jarraitzeko. Baina injustizia sentitu, izena jarri eta aurre egiten diozun momentutik ez dago atzera bueltarik, eragile aktibo bihurtzen zara, besteek funtzio horretan jarriko zaituzte-eta: tabernara zoazenean, manifestazioan egon zarena zara. Hor hasiko da konfrontazioa, edo elkarrizketa, edo dena delakoa. Oso inportantea da auzoko feminista seinalatu horiek existitzea. Hori eskertu behar diegu seinalatzen gaituztenei: atzera bueltarik gabeko 'feminista' egiten gaituztenak, etiketa kanpotik jartzen digutenak dira".
Euskaraz, aitzakiarik gabe
Emakumeen Mundu Martxaren aurkezpenean, Kattalin Miner (mahaian eskuinekoa). Bi urteko lanketa erabat euskaraz egin zutela eta geroztik aitzakiarik ez duela onartzen kontatu digu: "Ez da mantxoagoa, ez da edukirik galtzen eta ez du zatiketarik sortzen".
Mugimenduen baitan beti ateratzen den eztabaida da, euskaraz aritu edo "jende gehiago erakartzeko" erdarara jo. Minerrek atoan erantzun du: "Euskaraz. Dudarik gabe. Eta itzulpenik ez, alegia, leloa kartelaren goialdean eta handiz jartzen badugu 11 eraso 12 erantzun, gaztelerazkoa vuestras violencias tendrán respuesta izango da eta txikian eta beherago jarria, ezberdin". Emakumeen Mundu Martxa antolatzeko, Mujeres del Mundo kolektiboarekin euskara nola landu zuten azaldu du: "Euskaraz ez dakien horrengana joan, eta aurrez aurre azaldu behar diogu zergatik den oso garrantzitsua bilera euskaraz izatea eta jende hori sentitu arazi behar dugu euskararen parte. Galdetzen diegu ea euren herrialdean ba al duten hizkuntza gutxiturik, eta nola bizi duten hori. Eta nola bizi duten beren hizkuntza Euskal Herrian. Eta arratsalde batean egingo dugu hiru hitz gakoren trukea. Eta beraiek parte hartuko dute nahi duten hizkuntzan eta itzulpena egingo da. Sentitu behar dute euskarak beren egoera aldarrikatzen duela: bazterrekoak garela eta feminismoa baldin bada bazter guzti horiek erdigunera ekartzea, euskara bera ere bazter hori dela. Eta funtzionatzen du. Baina jendeak behar du esplikatzea eta parte sentitzea". Euskarak asanbladetan zatitu beharrean batu egiten duela dio: "Zeren euskal hiztun bat, bestela egongo ez litzatekeen hiru lagunekin ariko da hizketan, itzulpena egiten, eta hor konplizitatea sortzen da". Gakoa? "Mimo askorekin egitea, pazientziarekin. Emakumeen Mundu Martxan helburuetako bat izan zen euskaraz funtzionatzea, eta frogatu dudanetik bi urteko prozesuan horrela izan dela, inori ez diot aitzakiarik onartzen. Posible da, ez du mantsotzen, ez ditu edukiak aldatzen, eta ez dugu jenderik galtzen, baizik, irabazi. Jendeak bizi zuen euskara berarekin zerikusirik ez balu bezala, beragandik aparteko zerbait zela. Eta sentitu arazten ditugunean horren parte, euskaraz jakin gabe ere, euskaltzale egiten dira, ulertzen dute zein garrantzitsua den eta hurrengoan kafea euskaraz eskatuko dute".
Bizi!-n euskaldunen parte hartzea Iparraldeko kopuru soziolinguistikoen isla dela adierazi du Harlouchetek: kideen %25 dira euskaldunak. Baina badu berezitasun bat, ohiko euskaltzaleak ez diren euskaldunak inguratzen direla: "Kultur munduan eta euskalgintzako gainerako arloetan inplikatutakoak gutxiago dira Bizi!-n". Sorreratik, kanpora begirako komunikazio denak bi hizkuntzetan egiten dituzte, baina euren arteko bilerak frantsesez. Azaroan egin zuten ez-ohiko biltzar nagusian, euskararen erabilera azkartzea erabaki zuten, mugimenduak bere baitan dituen euskaraz murgiltzeko guneak indartuz: hilabetean behin azken bost urteetan Euskal Irratietan egiten duen Bizirik! emankizuna, eskualdetako bilerak…
Aliantzak: harreman zuzenak, ekintza zehatzak
Kattalin Miner: "Mugitu behar dugu guretzat deserosoak diren lekuetara eta jendearentzat gure diskurtsoa deserosoa den lekuetara. Jendea gauza pila bat egiten ari da, baina zure mugimenduan ez du interesik izango, ez baduzu mugimendu hori berarentzako ere bizigarri egiten"
Borroken arteko aliantzez inoiz baino gehiago hitz egiten da. Baina hori nola egiten da mobilizazioetan praktikara eramateko? Minerrek azaldu du garrantzitsuena pertsonen arteko harreman zuzenak direla: "Ezin dugu paktu bat egin sindikatu batekin eta gero ez jakin norekin hitz egin behar dugun. Aliantzak era naturalean egiten dira". Adibidearekin jarraituz, azaldu du sindikatuetara aliantza bila joatekotan, sindikatuko kide feministengana joko lukeela. Hainbat borrokak elkar elikatzeko arrazoirik ez dela falta dio, baina oraindik bakoitzak berera jotzeko joera handia dagoela: "Aliantzak egiteagatik ez gara inoiz ahulduko. Emakume arrazializatuekin lanketa hastean, pentsatzen genuen 'orain gure lehentasunak beste batzuk izango dira?' eta ez! bakoitzak berea antolatuko du, baina iristen da ekainaren 28a eta emakume arrazializatu pila daude bestela etorriko ez liratekeenak, eta Arrozes del Mundon feminista pila batek mahai bat hartuko dugu bertan bazkaltzeko. Zure eguneroko bizitzan sartzen da bestearen mobilizazioa, ez digu beste munduko inplikaziorik eskatzen baina parte hartuko dugu besteek antolatzen dituzten gauzetan. Korrika etortzen bada gure talde feministara galdetuz 'ez al duzue kilometro feminista bat hartu behar?', ba agian ez zitzaigun bururatuko, eta proposatzen badigute, noski baietz! eta gure aldarrikapena hantxe sartuko dugu. Horrek indartzen du Korrika eta indartzen du mugimendu feminista". Argitu du aliantzak ez duela esan nahi mobilizazioa elkarrekin antolatu behar denik: "Garrantzitsua da norbera bere lehentasuna borrokatzen aritzea. Bakoitzak bere lehentasuna argi izatea. Eta beste mugimenduei gauza zehatzak eskatzea".
Bizi!-k egindako aliantzen emaitza handia Alternatiben Herrixka izan zen: "Egun batez plazan autoei tokia kendu eta 15 arlotan antolatu genuen, jendea eta ingurumena errespetatzen duten praktikak erakutsiz. Baina ez zen hori bakarrik izan, bide bat ere izan zen, egun harekin bururatu zena. Aurretik hainbat elkarterekin bilkurak egin genituen banaka, azaldu genien zer den xedea, klima aldaketaren gaia azaldu genien nahiz eta beren burua ez duten hor kokatzen, pentsatzen aritu ginen zer forma eman guneek gure arteko loturak irudikatzeko... lotura bat eta beste eginaz, azkenean 12.000 pertsona elkartzen dira egun horretan, egiteko modu batekin eta beste baterako ere irabazi ditugu".
Errepresioa zilegitasunaz gainditzen da
Zigor Olabarria, ertzainek Gasteizko Herri Harresitik erauzten. Badela ikusten ez den beste errepresio mota bat nabarmendu du, eta horien ikur izan daitekeela Mozal Legea: "Lege horrekin ez dago epaiketarik, ez zoaz kartzelara, baina kaltea itzela da. Eta duen desmobilizatzeko gaitasuna sekulakoa da". Azaldu du aukeran emanda, militante askok 5-6 hilabete kartzelan pasatzea nahiago lukeela 20.000 euroko isuna ordaintzea baino: "Zerbaitegatik jo dute errepresio ekonomikora, noiz eta krisi garaian. Ditugun lotura guztiak (kredituak, enbarguak...) asko estutzen dira".
Botereak errepresioa erabiltzen du mobilizazio eraginkorrenak indargabetzeko. Gaurko panoramaz galdetuta, Olabarriak erantzun du "sozialdemokrazia ere ez dela kabitzen gaurko legedian" (adibidez, legez bankuei lehenago ordaindu behar baitzaie medikuei edo irakasleei baino): "Demokrazia parametrotan hitz egiten dugu beti, baina nik 39 urte ditut eta Euskal Herrian inoiz ez ditugu bizi izan Europako ongizate estatuetan teorian demokrazia formal baten askatasunak direnak. Ez dakit Espainiako estatuan bizi izan dituzten, baina Euskal Herrian salbuespen egoera iraunkorra dugu, borroka antiterroristari lotua, legedi eta praktika bereziak dituena. Hori guztia argudiatzen zuen Estatuak borroka armatuari erantzun beharrarekin, eta biolentzia politikoaren monopolioa errespetatzen ez zuen jendarte bat zegoelako. Bukatu da hori, eta zein da panorama? Aplikazioan gauza batzuk baretu dira, baina legedian ez dute ezer indargabetu eta gainera gogortu egin dituzte zenbait gauza terrorismoaren ataleko zigor kodean: gorazarrea, sare sozialen erabileran... eta ordenamendu juridiko arruntean ere bai: azken urteetan disidentzia eta protesta modu berri batzuk piztu dira, eta ad hoc eginiko bateria legal handi bat garatu da, horiek indargabetzeko. Horien ikurra baina ez bakarra, Mozal Legea da".
Mozal Legeak duen arrisku handienetakoa da "errepresio ikusezina" aplikatzen duela, Olabarriaren hitzetan: "Alegia, errepresioa ikusten dugu norbait epaitegira daramatenean, kartzeleratzen dutenean... eta gure elkartasun neuronak ere horrelako momentuetan aktibatzen dira. Mozal Legean ez dago epaiketarik, ez zoaz kartzelara, baina kaltea itzela da. Errepresio hori ikustarazteko oso zaila da. Laguntza eskatzeko zailagoa da eta norberak jaten du isuna. Eta duen desmobilizatzeko gaitasuna sekulakoa da". Azaldu du aukeran emanda, militante askok 5-6 hilabete kartzelan pasatzea nahiago lukeela 20.000 euroko isuna ordaintzea baino: "Zerbaitegatik jo dute errepresio ekonomikora, noiz eta krisi garaian. Ditugun lotura guztiak (kredituak, enbarguak...) asko estutzen dira". Zigorrak ikusaraztea zaila bada, Olabarriaren hitzetan, are ikusezinagoa den kalte bat egiten du Mozal Legeak: "Zenbat eskubide erabiltzeari uzten diogun mehatxuagatik. Udaltzainek esaten dizute ezin duzula kalean gertatzen ari dena grabatu, eta gezurra da. Baina herritarrak grabatzeari uzten dio eta nola neurtzen da horrek dakarren kaltea, galtzen dugun indarra? Dagoeneko kontua ez da zigortzen zaituztela, baizik, guk egiten diogula uko gure eskubideak erabiltzeari".
Edozein ekintza egin aurretik abokatuarekin hitz egitea ohikoa da. Beharrezko dela dio, "baina pixka bat ekintzailea den abokatu batekin. Abokatu batek esan behar du, legea irakurrita eta bere interpretazioaren arabera, ekintza bakoitzak zer arrisku tarte duen, 'gutxienez hau eta gehienez hau'. Abokatua zintzoa bada, inoiz ez digu esango zer gertatuko den. Eta proposamenak ere egin ditzake, gauza oso antzekoa baina beste era honetara egiten baduzue, arrisku tarte hau kentzen duzue". Legeak dioenaren mugak muga argitzat hartzea ere akatsa da Olabarriarentzat: "Herri Harresietan delitu bat bestearen atzetik egiten genuen, masiboki eta aurpegia emanez. Terrorista izateaz salatuak zirenen atxiloketari aurre egiten genion, pentsa. Eta bai, jende bat zigortu dute, baina egin zezaketenetik oso urruti geratu dira bai lege antiterroristan bai arruntean. Zergatik? Indar harreman kontua delako. Gauzak zer nolako gizarte babesarekin egiten ditugun da gakoa. Eta babesa modu askotakoa da, adibidez, plazan 2.000 egon edo 200 egon aldea dago, baina batez ere babesa da agintariek sentitzen dutela plazan ez daudenek ere ulertzen gaituztela. Gauzak nola lantzen ditugunaren arabera inpunitatea lortzen dugu".
Beraz, legeak dioena ez da gauza objektibo bat. Legeak batzuetan aplikatzen dira eta beste batzuetan ez. Zirrikitu hori baliatuz, errepresioa nola gainditu? "Indar harremanak eraldatuz", dio Olabarriak: "Tentazioa egon daiteke dagoen errepresioa ikusita, eskubideak erabiltzeko logika klandestinoetara jotzekoa. Baina kutsu klandestinoak egun zure burua ahultzen du eta gizartearengandik urruntzen zaitu. Eta gainera uste dut jendeak inoiz baino irekiago izan ditzakeela belarriak entzuteko, aukera dugula jendearengana heltzeko eta horregatik, ildo nagusiak izan behar duela eskubideak era agerian, aurpegia erakutsiz eta ahalik modu masiboenean erabiltzen jarraitzea. Baita aurpegia estalita ere, errepresioa zailtzeko baliogarria denean. Baina orduan ere publikotasuna helburu, itzalean geratu gabe: Herri Harresietan maskarekin egin genuen moduan, edo sareratu diren hainbat ekintzetan ikusi den bezala. Horrela egiteak eta gainera kolorez eta umorez, gaurko jendarteak dituen zilegitasunaren marjen estuak zabaltzen ditu. Desobedientzia zilegi egiten duen kultura sustatu behar dugu. Ideologikoki argudiatu behar da eta praktikan egin".
Xabier Harlouchet: "Auzoko bankutik hartu genituen bederatzi aulki, medio guztien aurrean azalduz: 'aulki bahitu hauek hobekiago zerbitzatuko dute bulego altermundialistetan, zerga ihesean agertu den banku hau baino'. Polizia Bizi!-ren egoitzara etorri zen eta autoan sartu zituen hemen ziren lau aulki, gaiztagin handiak balira bezala... Eta bitartean, beste bost aulkiak adoptatuak izan ziren filosofo ezagun batzuetarik, eta hor hasi zen aulkien ihesa eta babesa. Frantziako estatuan 200dik gora aulki bahitu dituzte zerga ihesa errazten zuten bankuetan". Argazkiak: Bizi! mugimendua.
Bizi!-koak ekintzaz ekintza ari dira desobedientzia zibila lantzen. Aguirre-Olhagarayren hitzetan, "egiten ditugun ekintzak legez kanpo dira normalean, baina egiten duguna zilegi da. Biziki lasaiak gara eta badakigu egiten dugun horretan arrazoi dugula". Harlouchetek gehitu du 2eta gehiengoaren babesa badu. Ekintzak azaltzen ditugunean, jendea alde da. Hori da zilegitasunari legaltasun zigilua emateko bidea, atxikimenduaren bidez bakoitzak bere egitea helburua, ohartzen delako bere onerako ere badela". Jarraitu du esanaz, justu botereak gaizkien kudeatzen duen estrategia horixe dela, herritarrak bortxa gabe bere helbururantz zuzen eta zilegitasunaren bidez legea errespetatu gabe joatea: "Ez dakielako atxiloketak nondik egin eta ezingo duelako biktimarena egin. Bortxa dagoeneko amortizatzen dute eta haiek kudeatu ahal dute. Bortxa gabea ez".
Detchart-ek adibidetzat ekarri du bankuetan bahitutako aulkien xerka joan zirela poliziak Bizi!-ren egoitzara. Eta errepresio hori bera ere Bizi!-ren mezua are gehiago indartzeko erabili zutela. Harlouchetek azaldu du xehe: "Auzoko bankutik hartu genituen bederatzi aulki, publikoki aurpegia emanez, medio guztien aurrean azalduz: 'aulki bahitu hauek hobekiago zerbitzatuko dute bulego altermundialistetan eta zerga ihesaren aurka borrokatzeko, ez eta banku honetan, jakinez banku hau argiki agertu dela aktore on bat zergen kanporatzeko'. Polizia Bizi!-ren egoitzara etorri zen eta polizia autoan sartu zituen hemen ziren lau aulki, gaiztagin handiak balira bezala... Eta bitartean, beste bost aulkiak adoptatuak izan ziren filosofo ezagun batzuetarik, eta hor hasi zen aulkien ihesa eta babesa. Frantziako estatuan aulki bahitzaileen mugimendua indartuz joan da, 200dik gora aulki bahituz zerga ihesa errazten zuten bankuetan: COP21aren karietara, trantsizio energetiko eta ekologikoaren dirua zerga paradisuetan zela argi uzteko. Ekintza mota horiek desaktibatzen dituzte Estatuaren errepresio tresna klasikoak". Aulkien afera zela eta, Bizi!-ko kide bati 75.000 euro eta bost urteko kartzela zigorra jartzea zen arriskua, Frantziako legediaren arabera. "Baina atzera egin dute salaketa denetan: aulkiak ebatsi zituztela esan zuten lehenik eta gero ezetz, ADNa ez zuela eman nahi eta hori ere hobengabe utzi zuten... 2.000 pertsona elkartu ziren astelehen goiz batez babesa emateko, eta bankuak irudi arazo handiak izan ditu, zeren denek aipatzen zutena ez zen aulki ebastea, baizik, zerga ihesa. Espero dugu gustua galduko dutela militanteei auziak egiteko, ikusita lehen honetan zer gaitasun egon den zilegitasuna legalki ere defendatzeko. Edozein manifestaldi da isunak emateko aitzakia. Baina kostatzen da isuna ematea jakinik, bai mezuak eta bai egiteko moduak onarpen handia duela jendartean". | news |
argia-08e15f54b650 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/moha-gerehou.html | "Arrazakeria jasan dugunok lideratu behar dugu borroka hau, ez ezkerreko zuriek" | Mikel Garcia Idiakez | 2017-02-26 00:00:00 | "Arrazakeria jasan dugunok lideratu behar dugu borroka hau, ez ezkerreko zuriek"
Unibertsitatera bidean zihoala beltza izateagatik poliziak identifikatuarazi zuenean erabaki zuen aktibista bihurtzea. Garai nahasiotan, faxistak txoriburutzat hartu eta gutxietsi izana akatsa dela uste du, eta eskuinaren zartakoei erantzuten aritzea baino, herritarrak benetan kontzientziatzea lortuko duen diskurtso propioa garatzea dela bidea.
24 urterekin, Madrilgo SOS Arrazakeria elkarteak inoiz izan duen presidente gazteena da. 80ko hamarkadan Gambiatik Aragoira migratu zuten bere gurasoek, Huescan jaio zen bera eta Madrilen bizi da egun. Eldiario.es-en dabil kazetari eta egunkariko aurkezpen orrian dioenez, "berdin dio zein gai jorratzen duzun, pertsonen ikuspegia da inportanteena, gero dator gainerako guztia".
"Ematen den mezua da hutsaren truk ateratzen dela norbaiti bere azal koloreagatik denetik esatea, eta inpunitate horrek diskurtso arrazista legitimatzen du"
Esklabo gisa enkantean jarri zaituzte eta heriotza mehatxuak ere jaso dituzu sare sozialetan.
Kasurik larrienak dira horiek, baina nire egunerokoan etengabe iraintzen naute: "Itzuli zure herrialdera", "isildu zaitez, beltz puta"… Azkenean ohitu egiten zara eta jada erantzun ere ez diet egiten. Mehatxuak bai, salatu egin nituen, baina justizia ez dago arrazakeriari aurre egiteko prestatuta. Indarkeria matxistari aurre egiteko epaitegi espezializatuak, araudi espezifikoa edota telefono zuzenak dauden moduan, arrazakeriaren kasuan ere abiapuntu hori beharko genuke. Arrazakeriaren biktimak sarri ez daki gorroto delituen fiskaltza dagoenik ere, oso erakunde marjinala da, eta askotan epailearen kontzientziazio mailaren esku geratzen da zigortzea edo ez, baina ez luke horrela izan behar: araudi garbia behar genuke, ekintza jakinek automatikoki epai zehatza izan dezaten. Irain eta mehatxu arrazistak sistematikoak dira eta gehientsuenak artxibatu egiten dira: gizarteari ematen zaion mezua da hutsaren truk ateratzen dela norbaiti bere azal koloreagatik denetik esatea, eta inpunitate horrek diskurtso arrazista legitimatzea dakar.
Zuk zeuk artikulu batean zure buruari egiten diozun galdera egingo dizut: "Nola pertsegitu modu eraginkorrean gorroto delituak, adierazpen askatasuna mugatu gabe?".
Dilema hori ziurrenik sare sozialetan islatzen da ongien: jendeak komentario arrazista, matxista, homofoboak idazten ditu eta gero adierazpen askatasuna dela dio. Baina zein punturaino da adierazpen askatasuna eta zein punturaino gorroto delitua? Gaizki aplikatu izanaren bi muturrak ditugu: César Strawberry Def con Dos taldeko abeslaria terrorismoaren biktimak iraintzea leporatuta epaitu zutenean, araudiaren gehiegizko aplikazioa egin zela uste dut, eta aldiz, gorroto delitu oso argiak adierazpen askatasuntzat hartu ditu justiziak. Inportantea da justiziak muga garbia zehaztea, hona arte adierazpen askatasuna da eta hemendik aurrera gorroto delitua, ez dadin egon epailearen kontzientziazio mailaren esku.
Arazoa da muga horren irizpideak zeinek eta zeren arabera jartzen dituen, ezta?
Hala da, arrisku handia dago interes jakinen arabera egiteko eta politizatzeko. Horregatik da garrantzitsua lege hauek egitea elkarte sozialen parte-hartzearekin. Esaterako, Diskriminazioaren Aurkako Legea horrela egin zen eta gutxieneko mekanismo batzuk bermatzeko balio izan zuen. Kontua da gero PP gobernura iritsi eta bertan behera utzi zuela legea.
Arrazakeria estrukturala dela irakurri dizut.
Ijitoa bazara poliziak zuri bati baino hamar aldiz gehiago geldituko zaitu kalean Espainiako Estatuan, beltza bazara zortzi aldiz gehiago, arabiarra bazara zazpi aldiz gehiago… Lagunak ditut poliziak 10-11 urterekin gelditu dituztenak dokumentazioa eskatzeko! Diskotekan sartzea ere debekatu izan didate; makina bat adibide jar ditzaket. Hedabideetan, erabiltzen ditugun espresioetan… arrazakeria asko dago, kontziente eta inkontzienteki. Baloreetan eta dibertsitatean formatu behar dugu jendea.
"Jendeak dio eskoletan aniztasuna dagoenez ez dela arrazakeriarik emango, baina elkarrekin egotea ez da nahikoa, atzean dibertsitate politikak ez badaude. Ama, arreba... ere baditugu, eta gure gizartea oso matxista da"
Justizia eraginkorraz gain, formazioa da orduan soluzioa?
Soluzioaren bi hanka funtsezko dira behintzat. Jendeak dio eskoletan gaur egun jatorri eta azal kolore anitzeko ikasleak daudela eta elkarrekin hezten badira ez dela arrazakeriarik emango, baina elkarrekin egote hutsa ez da nahikoa, atzean dibertsitate politikak ez badaude. Ama, arreba… ere baditugu, eta gure gizartea oso matxista da. Eskolan, kulturaniztasuna lantzeko ohiko jarduera bat da bakoitzak bere herrialdeko janariren bat eramatea, baina horrela ezberdintasunak azpimarratzen ari zara, eta interesgarriagoa litzateke Senegalgo jatorria duen ikasleak Bilboko janaria eramatea, Argentinakoak Errumaniakoa eta abar. Adibide txiki bat baino ez da, arlo honetan apenas egiten delako ezer ikastetxeetan. Ikasleei esaten zaie arrazakeria gaizki dagoela, baina kontzeptualki hitz egiten da, ez da azaltzen arrazakeria horren errealitatea.
Errefuxiatuen krisiak eta populismo xenofoboak hauspotuta, lotsagabeagoa bihurtu al da jarrera arrazista?
Aurreiritziak hor zeuden eta hor daude, baina azken boladan diskurtso horiek legitimatzeko modua aurkitu du jende batek. Migratzaileak bortxatzaileak dira, diru-laguntzetatik bizitzera datoz, guri lana kentzera zu langabezian zauden bitartean… Dena komeni bezala nahasten duten diskurtso horiek onarpena dutela ikusi dute politikariek, hortik etekina atera dezaketela, hein handi batean krisi ekonomikoak eraginda eta beste hein batean gizartearen aniztasuna handitu egin delako eta hainbatek mehatxutzat ikusten duelako aniztasun hori. Arazoa da areagotzen ari diren diskurtso horien aurrean ez dugula jakin alternatiba sendorik eraikitzen, tolerantzian, aniztasunean eta inklusioan oinarritua. Sarri, haien diskurtsoei erantzutea da erreakzioa, eta duela gutxi ikusi dugu nola Donald Trumpen erabakien aurrean lelo nagusietakoa Resist izan den, baina haiek zerbait egiten duten aldiro gu mobilizatzea daukagunari eusteko ez da bidea. Arrazakeria, homofobia, matxismoa… sufritzen duen jendea bilduko duen diskurtso alternatiboa eraikitzea falta zaigu. Borroka bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, gauza asko partekatzen ditugu, eta denen artean gehiengo sozialari iritsiko zaion mezua garatu beharko genuke, ultraeskuineko mugimenduek ez ditzaten jarraitzaile gehiago lortu.
Artikulu batean diozunez, politikariek bakarrik ez, herritarrek ere erabiltzen dituzte antzeko diskurtsoak, politikoki ez-zuzena izateko eskubidea aldarrikatuz.
Bai, jende bat kexatzen entzuten duzu, gaur egun ezin dela politikoki ez-zuzena izan, bestela kolektibo kulturanitzak, feministak edota LGTB komunitatea gainera botatzen zaizkizula. Baina nik ulertzen dut gehiengoak duen iritziarekin bat ez datorren iritzia dela politikoki ez-zuzena, aldiz esatea emakumeek heriotza merezi dutela edo beltzak gaizkileak direla ez da politikoki ez-zuzena izatea, baizik matxista eta arrazista izatea. Ez da kasualitatea ez-zuzentasun politiko hori zapaltzaileek aldarrikatzea eta gainera euren burua biktimizatzea, maila berean jarriz halakoak botatzeko daukaten askatasuna eta kolektibo irainduek egiten duten tolerantziaren defentsa. Gai izan behar dugu horri buelta emateko, ikusarazteko ez direla biktimak, zapaltzaileak baizik.
Ohitu gara pentsatzera nazi ergel batzuk direla eta gure nagusitasun moraletik begiratzera, gure diskurtsoa hobea dela eta azaldu beharra ez dagoela sinetsita; ezkerreko jende batek duen arazoa da. Bitartean, diskurtso ultraeskuindarra hazten doa eta azkenean legitimatuta geratzen da gizartearen zati handi batentzat. Hor dugu Madrilgo Hogar Social [migratzaileen aurka gogor egiten duen mugimendu faxista]: "Hitlerren garaiko ideiak dituzten lau katu burugabe dira", genioen, baina pixkanaka hazten joan dira, enplegu poltsa sortu dute, hedabideetan oihartzuna daukate, hurrengo urratsa izango da alderdi politiko bat sortzea… Prozesu hori guztia ikusten joan gara, eta ez dugu ezer egin, ez gara gai izan kontrako diskurtsoa eraikitzeko, akatsa izan da jende hori gutxiestea. Hogar Socialen azken manifestazioa ikustera joan nintzen eta bertan zeudenak nire dendaria edo gimnasioko monitorea izan zitezkeen, diskurtso hori sektore ultratik gizartearen esparru zabalagoetara iritsi delako.
"Ohitu gara pentsatzera nazi ergel batzuk direla, baina areagotzen ari diren mezu ultraeskuindarren aurrean ez dugu jakin alternatiba sendorik eraikitzen. Arrazakeria, homofobia, matxismoa... sufritzen duen jendea bilduko duen diskurtsoa eraikitzea falta zaigu"
Kritikoa zara zure buruarekin...
Geu gara errealitate hau askoz gehiago ikusarazteko lan egin behar dugunak. "Erru guztia PPrena da" esan nezake, baina zer egin dut nik errealitatea aldatzeko? Zer egin dut, PPk bereganatu duen espazio hori neureganatzeko? Gaizki dagoena identifikatzen badakigu, baina autokritikarik gabe, beti izango gara resist , beti izango gara boterean dagoenaren kontrapuntua.
Ezkerrarekin ere kritikoa zara eta hala islatu duzu Ezkerraren autokonplazentzia arrazakeriaren aurrean artikuluan.
Errefuxiatu eta migratzaileei buruzko hitzaldi sorta batera joan eta agian ez dago errefuxiaturik ez migratzailerik hizlarien artean. Parte hartuko dute arrazakeriaren inguruan ikerketaren bat egin duenak, gaiok jorratu dituen epaileren batek… eta arrazakeria sufritu duen jendeari espazio hauetan uzten zaion rol bakarra biktimarena da: jasan duen arrazakeriaren lekukotasuna emango du eta segidan hitza hartuko dute inguruko aditu zuriek, horri buruzko iritzia emateko eta soluzioak proposatzeko. Zergatik ez eskatu arrazakeria jasan eta errealitate hori bertatik bertara ezagutzen dutenei soluzioak proposatu ditzatela?
Historikoki, ezkerrak bere egin du nire ustez ez dagokion lidergoa, zuriek lideratu dute arrazakeriaren aurkako borroka, eta garai batean aitzakia izan zitekeen beltz gutxi zegoela, baina orain oso prestatuta dauden eta aktibistak diren latinoak, arabiarrak… soberan daude. Eta jende honi hitz egiteko eta proposamenak egiteko aukera ematen badiozu eta dituen trebeziak bistaratzen baditu, pixkanaka ikusgarritasuna irabazten joango da eta errazagoa izango du aldaketak eragiteko gaitasuna duten erakundeetara eta botereguneetara iritsi ahal izatea. Aldiz, pertsona horrek duen aukera bakarra baldin bada behin eta berriz biktima bezala bere kasua kontatzea, soilik biktima gisa irudikatzeaz gain, zein aldaketa eragin dezake?
Kuriosoa da, gogoan dut Madrilgo CIEko gertakarietan [Atzerritarrak Barneratzeko Zentroan zeuden hainbat migratzaile teilatura igo ziren, bertan jasaten duten tratu bidegabea salatzera] Podemoseko agintariek nola errepikatzen zuten aspalditik ari zirela CIEak ixteko borrokan. Gezurra, inoiz ez ditut CIEi buruz hitz egiten entzun, hori gertatu zen arte. Aukera ona zuten CIEa gertutik ezagutzen dutenekin talde bat sortzeko, barruan egon den jendearekin… parlamentura hitz egitera joan zitezen, soluzioak planteatzera. Horren ordez, eurak hartu zuten protagonismo guztia.
Funtzionatzeko modu horren ondorioz ere pisu handia izan du alde instituzionalak eta pisu txikia alde sozialak. Aldarrikapen asko erakundeei egiten zaizkie, Europar Batasunari, Espainiako Gobernuari… baina erakundeetan ditugun ordezkariek ez dute gaiarekiko sentsibilitaterik. Aldiz, instituzioetara hainbeste begiratu ordez daukagun errealitate sozial anitzari erreparatu beharko genioke, borroka kalean egin eta indarrak bateratu, zenbat eta jende gehiago kontzientziatu orduan eta handiagoa izango baita instituzioei egin ahalko zaien presioa, behetik gora.
"Uzten zaigun rol bakarra biktimarena da: jasandako arrazakeriaren lekukotasuna eman eta segidan hitza hartuko dute aditu zuriek, iritzia eta soluzioak emateko"
Borroka honetan, zein da zurion lekua? Nafarroan, Elhadi Ndya senegaldarra poliziaren esku zegoen bitartean hil zela-eta, kasua argitzeko manifestazioa egin zuten eta apenas zegoen zuririk parte-hartzaileen artean…
Beste era batera ere ikus daiteke: ikusgarritasuna eta kalea beltzek hartu zuten, zuzenean eragiten dien egoera bat salatzeko. Adibide bat jarriko dizut: Madrilen Afro Espazioa dago, eta bertan pertsona afroek hitz egiten dugu, guri eragiten diguten kontuez. Indarkeria matxistaren kalteez hitz egiteko espazio bat baldin badago, logikoa iruditzen zait emakumeek hitza hartzea eta nire ekarpena, gizon bezala, entzutea izatea. Nafarroan bat-batean migratuek hartu dute lidergoa eta beharbada zuri batzuk baztertuak sentitu dira, baina borroka birpentsatzea da gakoa, kolektiboari babesa ematea da orain dagokiena.
Futbolean dagoen arrazakeriaz ere idatzi izan duzu, jokalari beltzak iraintzeko tximuarena egiteko ohitura tarteko. Jarrera matxista eta homofobo ugari ere ikusten da harmailetan. Bereziki matxitoa eta atzerakoia al da futbol mundua? Gizartearen isla okerrena?
Duela gutxi emakume arbitro bat iraindu du ikusle batek eta ondoren eman duen arrazoia izan da etxean ezin duela emaztea iraindu. Badirudi futbol estadioan legitimatuta zaudela egunerokoan eta bestelako eremuetan esan eta egingo ez zenukeena egiteko. Publikoak ateratako kartel matxista eta arrazisten adibideak asko dira, baina ez da neurririk hartzen. Eta kirolariekin ere kritikoa naiz, ematen duelako ezin dutela ideia politikorik eduki. Harmailetatik zelaira platano bat bota zutenean, Neymarrek salaketa modukoa abiatu zuen sare sozialetan, platano bat jaten, baina urte hauetan guztietan ez dugu arrazakeriaren kontrako jarrera tinkoagorik ezagutu futbolarien artean eta lotsagarria iruditzen zait; NBAn jokalariek segituan egiten dituzte adierazpen kritikoak, arrazakeri kutsu txikiena ematen bada, edo aho bilorik gabe hitz egiten dute Trumpen migrazio politikaren aurka. Hemen aldiz, jokoaren parte balitz bezala tratatzen dute dena, baina ez da gauza bera jokalariari publikotik "herrena" deitzea edo "beltz puta" deitzea. Halako zerbait gertatzen den bakoitzean zelaitik aterako dela esan dezake jokalariak; ezer egiten ez badu, idolotzat duten haurrek pentsatuko dute futbola horrelakoa dela. Eta ez, gizartean onartzen ez dena ez litzateke futbol-zelaian onartu behar.
Zapalduak diren kolektiboek diskurtso bateratua behar dutela diozu. Borroken arteko aliantza gehiago behar dira?
Diskriminazioak kaltetutako kolektiboak oinarri batzuen inguruan elkartu eta indarrak batuz aurrerapausoak lor ditzakegu, eta gero mugimendu bakoitzak bere berezitasunetatik egin dezake borroka. Arrazoi bategatik edo besteagatik asko gara diskriminatuak eta ongi antolatuta gehiengo soziala lor dezakegu. Trumpen kontrako Emakumeen Martxetan, borrokaren ardatza emakumeak izan arren homofobia, xenofobia eta bestelako zapalkuntzak salatzera ere atera zen jendea, kolektibo ezberdinek elkar babestu zuten eta Trumpen aurkako borrokak lortu du borroka asko bakarrean artikulatzea. Intersekzionalitatea bideratzeko eta mugimenduak elkartzeko gaitasuna badagoela ikusi dugu.
AZKEN HITZA: Hedabideak
"Gizartean beltz profil jakin bat zabaltzen lagundu dute hedabideek: albisteetan, migrazioari, kirolari, musikari edota delinkuentziari lotuta aurkituko dituzu beti. Eta azkenean jendeak ikusten zaitu eta pentsatzen du edo saskibaloian jokatzen dakizula, edo pateran etorri zarela, edo poltsa ondo heltzen du lapurtuko diozulakoan. Non daude hedabideetan mediku beltzak edo beste edozein arloko aditu beltzak, arlo horri buruz hitz egiten?". | news |
argia-1d5842672f6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/perun-antzututako-ehunka-mila-emakumeren-testigantzak-jasotzen-dituen-webgunea-sortu-dute.html | Perun antzututako ehunka mila emakumeren testigantzak jasotzen dituen webgunea sortu dute | Ane Eslava Serrano | 2017-02-14 00:00:00 | Perun antzututako ehunka mila emakumeren testigantzak jasotzen dituen webgunea sortu dute
Fujimoriren garaian esterilizazioaren biktima izandako emakume indigenei ahotsa emateko proiektu bat sortu dute Perun: Quipu. Telefono deien bitartez testigantzak konpartitzeko eta mundura zabaltzeko aukera ematen die.
90eko hamarkadan Alberto Fujimori presidenteak esterilizazio kanpaina bat martxan jarri zuen Perun, inguru pobreenetako jaiotza-tasa gutxitzeko helburuarekin. Genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak egotzi zizkioten. 272.028 emakume antzutu zituen lau urtean, gehienak indigenak. Haien historiak, baina, isilduta egon dira urteetan, ordezkaritza instituzionalik ez dutelako, eta erakundeetan euren hizkuntzak, kitxuak, ez duelako tokirik. Orain, Fujimoriren dimisiotik bi hamarkada igaro ondoren, ahotsa eta babesa lortu dute, testigantzak batzen dituen egitasmoari esker.
Inkek zerabiltzaten kontabilitate sistema batek inspiratu ditu sortzaileak: Kipua, sokekin eta korapiloekin sortutako komunikazio tresna zaharra. Dohaineko telefono linea baten bitartez, emakume indigenek euren historiak kontatu eta besteenak entzun ditzakete. "Mezu bakoitza soka bat da, erantzun bakoitza korapilo bat", diote webgunean .
Testigantza horiek Londresen dagoen talde bati heltzen zaizkio, eta hark transkribatu, itzuli eta mundu osora zabaltzen ditu, sarearen bitartez. Kasu askotan, historiak emakumeen etxeko lau paretetatik ateratzen diren lehenengo aldia izango da.
Peruko eskualde kaltetuenetaraino joaten dira Quipu taldeko partaideak, Andeetako eta Amazonaseko herrixka behartsuenetaraino. Geroz eta lekukotasun gehiago lortzen ari dira, eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoa dute, auziak zabaltasun globala har dezan. Proiektuaren azken helburua memoria kolektiboko artxibo bat sortzea da, antzutzearen arazoa argitara ateratzeko eta gertatutakoa inoiz ez errepikatzeko. Proiektuaren sortzaileek Amnesty Internationalen babesa dute eta tokian tokiko emakume erakundeekin elkarlanean ari dira. | news |
argia-be316fe92bf5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/antzinako-erromako-manga.html | Antzinako Erromako manga | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-02-26 00:00:00 | Antzinako Erromako manga
Mari Yamazaki manga egileak Thermae Romae komikiaren hamar milioitik gora ale saldu ditu. Egungo Japoniara bidaiatzen duen terma-ingeniaria da protagonista.
Halaber, Yamazakik antzinako Erroman kokatu du Plinius komiki-sorta. Erromatar Inperioaren eta Japoniaren arteko loturak xelebre samarra dirudien arren, egilearen esanetan hainbat paralelismo daude bi munduen artean: "Testuinguru espiritual politeista, bainu komunak, kanpoko ekarpen kulturalak baliatzeko gaitasuna...". Gainera, joan den irailean hainbat erromatar txanpon aurkitu zituzten Okinawako Katsuren gazteluan, eta aurkikuntzak Erromatar Inperioaren eta antzinako Japoniaren arteko harremanei buruzko galdera asko eragin ditu. | news |
argia-5b5b2ec0c3d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/argia-berriztagarria-izango-dugu-hemendik-aurrera.html | ARGIA berriztagarria izango dugu hemendik aurrera | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-02-26 00:00:00 | ARGIA berriztagarria izango dugu hemendik aurrera
ARGIA GoiEnerreko bazkide egin da. Mundu pixka bateko irakurlea izango zara zu ziurrenik, dagoeneko ezagun izango duzu GoiEner, eta ez nator zuri sermoirik botatzera. Baina nik kuriositatez deitu egin dut webgunean eskaintzen duten telefonora, energiaren kontu hauek argitzeko. Santiago Ochoa de Eribe GoiEnerreko zuzendariak erantzun dizkit galderak.
Energia elektrikoa oinarrizko ondasuna da eta zuen helburua herritarrek honen kontrola berreskuratu eta kontsumo arduratsu bat izatea da. Nola lortzen da?
Alde batetik energiaren merkaturatzea dago, eta bestetik ekoizpena. Merkaturatze kooperatiba bat sortu genuen aurreneko bideari heltzeko, eta bazkideak ditugu oinarri; gaur gaurkoz 6.000 inguru. Aholkularitza ere eskaintzen diegu bazkideei, helburua kontsumo arduratsua denez, beharrezkoa dutena kontsumitzeko erregulatu dezaten potentzia. Baina kontua ez da faktura bat soilik, filosofia da jarduera ekonomiko hutsetik aldendu eta gizartearen eta ingurumenaren beharrei begira lan egitea. Energia ekoizpena herritarron eskura jartzea da bigarren bidea, eta martxan jartzen ari gara hau. Ekoizpena gure esku badago lortuko baitugu energiaren benetako kostea zein den ezagututa prezioaren negoziaketan subjektu aktibo izatea.
Nola lortzen duzue saltzeko energia?
Salerosketarako merkatu bat dago eta guk han erosten dugu gure bazkideek beharko duten energia. Guk erosten dugun guztia berriztagarria izanik ere, etxeetaraino heltzeko sarean beste energiekin nahasten da. Dena dela, merkatuaren bitartekaritzarik gabeko bideak bilatzen ari gara eta ekoizleekin zuzenean harremanak egin nahi ditugu.
Esan duzu gure etxeetara ez dela %100 energia berriztagarria iristen. Orduan zein da zuen desberdintasuna?
Kontsumitzaileak jasotzen duen produktuan ez dago desberdintasun handirik. Tira, geroz eta bazkide gehiago izan geroz eta energia berriztagarri gehiago sartuko da sarean, beraz, portzentaje altuagoa izango da, baina filosofiak eta helburuek egiten gaituzte desberdin. Enpresa ikuspegitik kontraesana badirudi ere, guk geroz eta energia gutxiago kontsumitzea dugu helburu, energia ulertzeko beste modu bat dugu jasangarriagoa dena. Eta aldi berean bazkide gehiagoren bila goaz, kontsumitzen den hori berriztagarria izan dadin. | news |
argia-d862ae9eaef7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/bizkaitar-ardurak.html | Bizkaitar ardurak | Ramon Etxezarreta | 2017-02-26 00:00:00 | Bizkaitar ardurak
Bistakoak egiten zaizkit lurraldeen artean gauzak egiteko, erabaki instituzionalak gauzatzeko nagusiki, egon daitezkeen moduen arteko ezberdintasunak. Urrutiegi joatea litzateke, batzuk eta besteak halakoak edo bestelakoak direla hortik ondorioztatzea. Amorragarri egiten zait gero eta barneratuago dauzkagun horrelako bereizketak egitea.
Batzuek bistakoak diruditen arren zaila zait lurralde guztietako moduen ezberdintasunak zerrendatzea. Elkarren artean ditugun ezberdintasunen multzoa sistematizatuko lukeenik egongo bada ere kaosetik ezerezera eramango gintuzkeen bufada bat besterik ez litzateke hori.
Errazagoa da elkarrekin partekatzen dugun eta berdintzen gaituen elementuen zerrenda batekin hastea, laburra bezala luzea. Hori litzateke herritar oso bilakarazten gaituen elementuetako bat, berdintasun hori litzateke komunitatea nazio bilakatzen laguntzen diguna. Hor dago euskara, mendeetako aglutinatzaile historikoa izan duguna eta azken hamarkadetan, gure historiako batasun politiko eta administratibo mailarik handienaren garaietan, funtsezko motorea eta arima, orain artean zatiezina dena.
Euskara batuak aitortu eta eman digu herritartasuna, bera gabe erreka jota leudeke egun prestigio harrigarria eskuratu duten gure hizkerak eta euskalkiak
Euskara batuak aitortu eta eman digu herritartasuna, bera gabe erreka jota leudeke egun prestigio harrigarria eskuratu duten gure hizkerak eta euskalkiak. Oroimen historiko gauzatu eta berreskura ezin bat besterik ez lirateke, inkulturaren lekukotasun urri eta negargarri baten adierazleak. Horregatik urduri jartzen naute ez hanka, ez buru eta ez arau duten euskalkiak idazteko saioek. Hizkuntzalaritzan aspaldi asmatuak egonik horrelakoak idatzira transkribatzeko tresnak, ez dakit ignorantziatik abiatutako saioak diren ala ignorantziara eramaten gaituztenak.
Enpeinu guztiz kezkagarria da instituzioetatik edo ardura publikodun, direla politikoak bezala beste edozein eitetakoak, pertsonengandik datorrenean. Bizkaiera izan nahi duen hizkera modu ugaritu eta hedatu horrek beldurtzen nau, ez baitakit jatortasun faltsu batez harago zer demonio adieraztera datorren. Zergatik? Zer arau ezkutugatik, ordezkari politiko bizkaitarrek, Lehendakaria eta Erkoreka jaunaren jardun ohoragarriak salbu, dabe-ka, deutsu-ka edo dinoe-ka aritu behar zaizkigun. Batzuek gainera, inoiz berea izan ez duten hizkera errekuperatzeko keinua eginaz.
Sailburuak esan du bizkaitar baten esku jarri duela oraindaino beti gipuzkoarra izan den hizkuntza politikaren ardura. Onartuko nioke argudioa izendapena bizkaitarkeria linguistiko horrekin kritiko izateko bada. Neure garaian alderdiko aginte bizkainoek egin zezaketen txikizioaren beldur isildu egin banintz ere, etxean esan, jan edo ekarri debe esaten jarraitzeko asmoa galdu ez badugu ere. | news |
argia-383d457e9fd4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/cetaren-zati-handi-bat-indarrean-sar-liteke-jada.html | CETAren zati handi bat indarrean sar liteke jada | Unai Brea | 2017-02-26 00:00:00 | CETAren zati handi bat indarrean sar liteke jada
Ez zen ustekabekorik izan eta Europako Legebiltzarrak Kanada eta EBren arteko CETA hitzarmenaren alde bozkatu zuen otsailaren 15ean, Estrasburgon egindako saioan. 408 diputatuk eman zuten aldeko botoa, 254k aurkakoa, eta 33 abstentzio izan ziren.
Kanpoko aldean, ekintza ikusgarria egin zuten itunaren aurkariek: lurrean etzanda, euren gainetik igarotzera behartu zituzten legebiltzarreko saiora zihoazen parlamentariak, "CETA onartzea herritarrak zapaltzea dela" irudikatzeko.
Behin Eurolegebiltzarrak onartuta, Batasuneko estatu guztiek –zehazki, haien parlamentuek– banan-banan onespena ematea da hitzarmena indarrean guztiz sartzeko hurrengo eta azken urratsa. Prozesu horrek luze joko du, baina hala ere, EBri bakarrik dagozkion eskumenekin zerikusia duten parteak –CETAren zati handi bat, beraz– aplikatzen has litezke jada.
Europako Batzordearen hasierako asmoa izan zen Eurolegebiltzarraren onespena nahikoa izatea CETA indarrean sartzeko, baina hainbat estatutatik iritsitako presio politikoak zirela-eta amore eman behar izan zuen iazko udazkenean. Hala ere, Cecilia Malmström batzordeko Merkataritza komisarioak erdibide bat lortu zuen: Legebiltzarraren aldeko botoa aski izatea itunaren zati batzuk behin-behinean indarrean sartzeko. Datozen hilabeteetan ikusiko da nola gauzatzen den hori. | news |
argia-06110456dba9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/osasunaren-autogestioa.html | Medikuarengana joaten ez garenean | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2017-02-26 00:00:00 | Medikuarengana joaten ez garenean
Nahia, Oihu eta Maray 17, 15 eta 12 urteko nerabeak dira. Arizkuren herrian (Nafarroa) bizi dira eta ez dira sekula medikuarengana joan. Gutxiago gaixotzen direlako ala gorputzaren sintomak ulertu eta konponbideak bilatzen dituztelako?
Biak ala biak dira erantzun egokiak. Hala baieztatu digu hiru nerabeen amak, Xandra Ruiz Santamaria arizkurendarrak. "Harreman osasuntsua, elikadura garbia, atsedena eta bizitza aktiboa izatea ezinbestekoak dira gorputzen oreka lortzeko", dio. Ezaugarri horietako baten hutsunea nabarituz gero gorputzak komunikatu egingo digula kontatu digu, hala nola, gaixotu egingo garela: "Desoreka horretan aurkitzen garenean, gainditzeko hainbat aukera bilatuko ditugu naturan".
Arizkuren abandonatua izan zen 1940ko hamarkadan, eta 50 urte geroago, 1995ean, "zaratak eta presak" alboratu nahi zituen kolektibo batek berreskuratu eta berreraiki egin zuen. Gaur 18 pertsonako "familia bat" bizi da mendi artean dagoen herritxo honetan. Osasunaren autogestioa bultzatzen dute. Gure arbasoen jakinduria eta bizimodua azpimarratu eta herritarren sinesmen eta bizitzetan aplikatzen dituzte. "Naturaren parte garen honetan, harenganako lotura berreskuratu behar dugu. Konpromisoa dugu harekin eta gure garapen pertsonalarekin. Pazientzia behar da, interesa, kuriositatea, propoleoa, baltsamoak, jarabea...", dio Ruizek.
Ikasten ari dira eta erakusten. Sendabelarrak aztertzen eta konponbide naturalak detektatzen, "osasuna eta gorputzak ulertzen". Izan ere, norberarengan mediku bat dagoela ikusarazi nahi digute, eta etengabe aipatzen dute gure arbasoak zein gertu zeuden baieztapen horretatik. Hori guztia zabaltzeko asmoz, kosmetika eta osasun produktuak egin eta saltzen dituzte azoketan, "Aritzkuren tienduka" izenpean: "Hau guztia autogestioaren bidez ateratzen dugu aurrera, ekonomia komuna oinarri hartuta". Urtean zehar ikastaro desberdinak eskaintzen dituzte herrian bertan.
"Era berean garrantzitsua eta beharrezkoa da denontzako osasun zerbitzua egotea. Kirurgia, odontologia, fisioterapia...", dio Ruizek. "Baita aromaterapia, musikoterapia, homeopatia, bach loreak...", gaineratu du irribarrez. Baina honi guztiari erabilera egokia ematea gakoa dela pentsatzen du, hezkuntza eta jendarte ereduarekin lotura estua duelakoan. Medikamentuekin, adibidez, zalantza egin du arizkurendarrak: "Sendatzearen prozesua bera kaltetzen dute batzuetan; sintomaren gainean eragiten baita eta ez arazoaren sustraietan, ez zegoen lekuetan beste arazo bat sortuz".
Familia handi honek apenas erabiltzen duen sendagairik; gaixotasunak hamar egun baino gehiago iraun eta propoleoak eta landareek eraginik egin ez dutenean soilik. Katarroa, infekzioak, sukarra edo gripeak kaltetutakoan, esaterako, lagungarri naturalak hartzen dituzte: "Sendatze prozesua zailagoa bada ere, bigarren mailako efekturik ez dugu izango". Intsusa baliatzen dute sukarra edo sinusitisa tratatzeko, eztul-belarra bronkitisarentzat, iruntzi-belarra buruko min edota eztularentzat, plantina marranta edota asmarentzat, eukaliptua katarroarentzat, hurritza sukar eta eztularentzat, eta abar.
Ruiz Santamariak azaldu digunez, sendagilea erabat harritu zen Nahia, Oihu eta Maray lehen aldiz medikuarengana joan zirenean errebisioa egitera, ordura arte sekula artatu gabeak zituelako. "Izugarria da gorputzak sendatzeko duen gaitasuna. Bizitzari eskertzen diot gehiago behar ez izatea", dio haien amak. | news |
argia-bd948b394917 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/emakumeak-azkena-rocken.html | Berdintasuna anplifikatu nahi, gizonen justifikazioekin topo | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2017-02-26 00:00:00 | Berdintasuna anplifikatu nahi, gizonen justifikazioekin topo
Musikaz eta matxismoaz aritzean beste estilo batzuek jasotzen dituzte kritika txarrenak, baina hain "gurea" dugun rockaren mundura ere iritsi da eztabaida, aurtengo Azkena Rock jaialdiaren kartelean ia emakumerik ez dagoela-eta. Zeresana eman du gaiak baina, zoritxarrez, jarrera guztiak ez dira positiboak izan.
"Mesedez, andre eta gizon, zabal dezagun!", dio mezu batek Facebooken. "Hau AR Festibala da! Barkatu, Azkena Rock Festibala. Bi egun, hiru agertoki, 24 talde baino gehiago, eta emakume bat bera ere ez taula gainean. Last Tourrek, antolatzaileak, 200.000 euro baino gehiago jasoko ditu, diru publikotik, gure dirutik. Gasteizko Udalak ez die ezer exijitzen, ezta berdintasun gutxieneko bat ere. Lotsagarria da!". Txinpartak aurkituko du bolborarik inguruan, otsailaren 7tik aurrera ziztuan zabalduko da Dorleta Rata Jones erabiltzaileak sare sozialetan egindako salaketa.
Azkena Rocken berdintasuna bermatzeko Gasteizko Udalak jarriko dituen klausulek ez dute emakume-kuotarik aurreikusten. Hala ere, antolatzaileek ez dute betetzeko bermerik eman
Eta gaia Gasteizko Udaleko Kultura batzordera iritsiko da otsailaren 14an, Ane Aristi EH Bilduko zinegotziak eramanda. Estibaliz Canto Kultura zinegotziak (PSE-EE) esango du ikusi duela auziarekin kezka daukan jenderik, baina "baita deskalifikazioak ere", zeinak erakusten duen, bere ustez, Azkena Rock jaialdiari buruzko salaketa "ondo egina dagoela". Festibaleko kartela itxita egon arren garaiz daude neurriak hartzeko, aprobetxatu egingo dute Udalak oraindik ez duela sinatu 2017ko edizioari dagokion patrozinio-kontratua eta, akordio horrek jartzen dizkiela baldintzak antolatzaileei: klausulak sartuko dituzte emakumeei leku duinagoa emateko, hori izango da festibalak 270.000 euro jasotzeko irizpideetako bat.
Klausula horiek ez dute aurreikusten emakume-kuotarik. Ane Aristik azaldu du ez dutela eskatzen festibaleko kartelburuak emakumeak izatea ere; bai ordea haien lana zerbitzari izatera ez mugatzea. "Adibidez, hiru eszenatoki ditu jaialdiak eta bakoitzak hildako musikari baten izena dauka: denak dira gizonak", azaldu du EH Bilduko kideak, gogora ekarriz eszenatokietan jokatzen dela nagusiki nor den ikusgarri eta nor ez mota honetako ebentoetan.
Antolatzaile desafinatua
Horraino dena zuzen. Are gehiago, Kultura batzordean Cantok esplikatutakoaren arabera, otsailaren 14 horretarako Udalak hitz egin du baldintza horiei buruz jaialdia antolatzen duen Last Tour enpresarekin eta honek "erabat ulertu du" Udalaren postura. "Festibalaren partetik ez da problemarik jarri, guztiz kontrakoa". Balada ezti eta erromantikoa biharamuneko El Correo egunkarian hasi da desafinatzen: Azkena Rock festibaleko zuzendari Alfonso Santiagoren adierazpenak jaso dituzte eta, zera esan du Udalak jarri nahi dituen klausulen harira: "Inork ezin du bermatu beteko direnik".
Azkeneko momentura arte Heart taldea, Joan Jett, Neko Case, Tori Amos eta Patti Smith ekartzen saiatu direla esan ondoren, Santiagok erabateko "sentsibilitatea, interesa eta jarrera positiboa" izango dutela adierazi du, baina baita kontuan hartzeko rockaren industriaren %95 gizonek osatzen dutela: "Hau pop musikako jaialdia balitz, askoz errazagoa litzateke. Baina, zer egin dezakegu guk? Negoziazio askotan ibiltzen gara, gero egiten ez diren kontzertuak lortzeko, nahiz eta ados gauden emakumeek alor horretan paper garrantzitsuagoa izatearekin". Blondie eta Juliette Lewis festibaletik pasa izana jarri du jaialdiaren politikaren adibide gisa, edo iazko edizioan izan ziren Imelda May eta Lucinda Williamsen kontzertuak.
Esplikazio horiekin bukatuta, kexak: "Mundu guztiak asunto hau hutsaldu eta epaitzen du jatorria ezagutu gabe". Deitoratu du eztabaida publiko egin aurretik salaketa egin dutenek beraiekin ez kontsultatu izana. Eta azken nota gisa gaineratu du "debate honen fundamentu faltarekin harrituta" dagoela.
Sexua, mansplaining a eta rock'n'rolla
Ez da antolatzailearen jarrera bakarrik, edonor jabetuko da prentsan eta sare sozialetan gaiaz iritzia eman dutenei irakurrita. Modu nabarmenean parekidetasunaren kontra agertzen diren iruzkinak alde batera utzita ere, asko dira emakumeek agerikoago behar luketela uste dutenei bainak atera dizkietenen komentarioak. "Eztabaida honek ez du zerikusirik musikarekin" esaldia izan da, segur aski, azken asteetan Azkena Rocken kartela defendatzeko gehien erabili den argudioa. Baina ez bakarra: "Festibalak kontratatuko duen hurrengo emakumea entxufatuta dagoela susmatuko dute", esan du, adibidez, Oscar Cubillo musika-kritikariak. Gasteizko Helldorado aretoko arduradunak berriz, zera esan du kontzertuak antolatzean erabiltzen duen irizpideaz: "Ez diot begiratzen emakumeak ala gizonak diren, euskaldunak ala norvegiarrak: kalitatea bilatzen dut" –ondoren, hori bai, onartu du diru publikoa jasotzen duen festibal baten kasua desberdina izan daitekeela–.
Emakumeek egindako salaketa bati garrantzia kendu nahi izan zaio, musikarekin zerikusirik ez duen zerbait dela adieraziz besteak beste
Denak gizonak dira. Mansplaining kasuen aurrean al gaude, doktore? Jokabide matxista hori honela definitu zuen Lily Rothmanek The Atlantic aldizkarian: "Zerbait esplikatzea, kontuan izan gabe entzuten duenak gehiago dakiela gaiari buruz azalpena ematen duen pertsonak baino. Gizonek emakumeekin erabili ohi duten portaera da". Kontzeptuan sakontzeko asmoz idatzi zuen Rebeca Solnit-ek Men Explain Things To Me liburua , nabarmenduz, besteak beste, zein zabalduta dagoen emakumeen iritziei sinesgarritasun gutxiago ematea gizonen iritzien aldean.
Hemen aipatu ditugun arrazoitzeko moduak errepasatuta –eta gisa bereko beste hainbat–, mansplaining testak positibo ematen du Azkena Rocken inguruko polemika mediatikoan: musikaz "bakarrik" hitz egin nahi dute gizon batzuek, sinetsita instrumentuak jotzen dituztela izaki abstraktuek, eta ez generoa, klase soziala eta abar dauzkaten pertsonek; kritikariak ez die entxufismoaren mamurik erantsiko gizonezko musikariei, emakumezkoei bakarrik; eta "kalitatea" irizpide nagusi duen programatzaileak uste du hori neurtu daitekeela, ez dela sozialki eraikitako zerbait, zeinaren ondorioz, gizon askoz gehiago ikusiko dituzun eszenatoki gainean. Analisi pixka baten aurrean amiltzen diren argudio horiekin garrantzia kendu nahi izan zaio emakumeek egindako salaketa bati. Eta aukera paregabea galdu da, alor honetan hobetzeko asko dagoela onartuz, jarrera eraikitzaileagoak hartzeko. | news |
argia-fa41423c1ec4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/elipsirik-gabe-ez-zen-nire-nobela-izango.html | "Elipsirik gabe ez zen nire nobela izango" | Mikel Asurmendi | 2017-02-26 00:00:00 | "Elipsirik gabe ez zen nire nobela izango"
Bergara, 1964. Nafarroako Euskarabidea institutuan irakaslea. Historialaria eta kazetari izana. Feriatzaileak (Susa) nobelarekin jalgi da literatura plazara. Sare sozialen bidez ikusi dugu koktelera eta maleta eskuetan. Osagai bi horiek, maletak eta koktelak, berebiziko lekua hartzen dute liburuan. Hitz "berri" zenbait ekarri ditu. Feriatzea, konparazionera. Nongoa den galdeturik, bere zorroko hitz bat eskaini digu Patxi Larrionek: "Mugirokoa" naiz. Giro bizia dagoen tokikoa, alegia.
Nobelagile bezala plazaratzea ustekabeko galanta izan dela erranen nuke, baita Bergaran sortu zinela ohartzea ere.
Bergarak zerikusia dauka liburuarekin. Gure gurasoak lanera joan ziren Bergarara gu jaio aurretik; Allin ibarreko Etxabarri herrixkakoak ziren, Urbasa aldekoak. Etxabarritik Bergarara joan-etorri asko eginak gara etxekook, trenez egin ere. Lizarratik atera eta Bergararaino joaten ginen –Zumarragan gaindi edota Gasteizetik buelta eginez–, tren horietako bat La Vasconavarra zen, 1968an desagertua. Zenbaitetan osabaren batek hurbiltzen gintuen Lizarrara trena hartzera, edo Etxabarrira eramaten itzultzean.
Feriatzaileak girotua den garaian itxi zen La Vasconavarra . Gurasoek kotxe bat erostea erabaki zuten eta Urbasa sarri zeharkatzen genuen. Orduan laketu nintzen Urbasarekin. Etxebarri inguruaz ditudan lehenbiziko oroitzapenak Patton filma errodatzen ari zen urtekoak dira: aitatxi-amatxi, osaba, aita eta ama, Urbasan egiten ari ziren filmaz hizketan. Gerora, filmeko irudiak ikustean "toki hori eta bestea" zehazki non zeuden seinalatzen zizkiguten.
Beraz, txikitatik izan zenuen zinearen berri, eta ez pantailatik baitezpada.
Bai. Txikitatik lotu ditut Urbasa eta zinea. Etxabarrira bidean hauxe irakurtzea gogoratzen dut: Al rodaje. Patton filmaz beste, Hiru Mosketariak, Cromwel eta Robin and Marian filmen eszenak ere Urbasan errodatu zituzten. Gure lehengusuek eta haien lagunek estra moduan parte hartu zuten holakoetan.
Hainbatek haurtzaroa jotzen dute euren aberritzat. Zure aberria Urbasan eta bere inguruan dago, antza.
Iruñean ez behintzat. Ni Bergarakoa naiz, eta Etxabarrikoa sentitzen naiz, aita eta amaren herrikoa. Oraindik ere izeba eta osabak ditut Allin ibarrean. Senideak eta txikitako lagunak ditut bertan, baita Gipuzkoan ere. Allin ibarrean arnasa hartzen dut eta Bergaran ere bai. Badakizu zer poza eman zidan nobela Bergaran aurkeztu izanak! Dena den, bereziki ni "mugiro" dagoen tokikoa naiz. "Mugiro"-n laketzen naiz. Martin eta Luis protagonista nagusien nondik norakoak ezagutuz gero, antzematen da "mugiro" zer den.
"Hiru Mosketariak, Cromwel eta Robin and Marian filmen eszenak ere Urbasan errodatu zituzten. Gure lehengusuek eta haien lagunek estra moduan parte hartu zuten holakoetan"
Nobela hirian gauzatzen da, baina oso menditarra ere bada.
Hala ere, mendia edo landa mundua beste gisa batez agertu nahi izan dut. Euskal Herrian eta munduan orobat, mendia leku isolatua balitz bezala transmititu zaigu. Literaturan ere mendia beti lotu da isolamenduarekin: toki mugakideak balira bezala. Aldiz, niretzat Allin ibarra edo Urbasa mendia justu kontrakoak dira, elkartzeko tokiak izan dira.
Nobelari izenburua deigarria ipini diozu: Feriatzaileak.
"Feriatu" hitza gaztelaniaz erabili izan da batez ere, eta aurrerantzean, espero dut euskaraz ere erabiltzea. "Feriatzea" Nafarroa erdialdean erabili izan da gehienbat, " agenciar " da, lortzea. Berez ez da ebatsi, baina izan daiteke, eta izan daiteke ere erostea. Editoreak eta enparauek hitza onartu zidaten. Familiaren inguruan entzundako hainbat feriatzeek lagundu didate nobela osatzen.
Martin eta Luis dira protagonistak, feriatzaileak alegia. Azaldu iezaguzu nobela.
Batzuek esan dutenaren kontra, nobela bi gazteen "feriatze" bat baino gehiago dela uste dut, abenturaz harago doana. Zentzu horretan, Patton filma nobelaren attrezzoa da. Nire ahalegina frankismoaren akaberako giroa agertzea izan da, karlismoaren inguruko gogoeta egitea barne. Aldi berean, nobela politiko eta ekonomikoa da. Trama diru-truke baten inguruan eraikia da. Ustez ahulak diren batzuek indartsuak –nagusiak– diren beste batzuei ebasten diete, feriatu egiten diete, baina horretarako bizkorrak izan behar dute, baita indartsuen laguntza izan ere.
Oso garbi nuen, lehentasuna tramak edukiko zuela, Martinen begietatik kontatuta dago, bera eszena guztietan presente dago. Horren barnean, zineman ematen den modura kontatu nahi izan diot irakurleari tramaren amaiera. Gerran irabazle atera direnek ez jakitea ziria nork sartu dien. Lortu nahi nuen filmetan gakoa izaten dena. Horretan, puzzle osatze lana dago, Martinek batzen ditu piezak. Trama da inportanteena, baina den-dena ez da bere mesedetan, istorioan historiak ere pisua baitu.
Historiaren gaineko istorioa nobelatu duzu. Baztango (H)ilbeltza nobela beltzaren astean ere izan zara ordea. Genero horretako liburutzat duzu Feriatzaileak ?
(H)ilbeltza ekitaldiaren inguruan Iruñeko hainbat lagun gaude, Jon Alonso eta biok, besteak beste. Antolatzaileak kidetzat dauzkat, bertan parte-hartzea proposatu zidatenean, "hau beltza al da?" esan nien. Izan ere, nik ez nuen hildakorik nobelan agertu, ez odolik nahi ere. (H)ilbeltzan, Miel Angel Elustondo izan zen, Gotzon Garateren nobelagintzaz jardun zuen. "Hildakorik gabeko nobela, beltza izan daiteke?", galdetu nion. Hark "dudarik gabe" esateak lasaitu ninduen.
"Niretzat nobelan ez dago manikeismorik, nik feriatze batzuk kontatu ditut. Kontakizunean ez da pertsonaia bat goratzen eta beste bat apaltzen"
Odolik ez, baina ardoa eta janaria nasai daude.
Nobelako protagonistek oso ongi edaten eta jaten dute, baina pasa gabe. Edo ez irakurle gaixto batek esan didan hau pentsatzeko ere: "Hire nobela speedaren apologia duk". Ez, inola ere ez. Martinek gasolina behar du, feriatzaileek adrenalina behar izaten dute. Martinek ez daki geldirik egoten. Grina, nola mantendu adrenalinarik gabe? Nobelako bi protagonistek lo gutxi egiten dute, guk Sanferminetan bezalaxe. Feriatzeko bizkor eta arin ibili behar da, baita Sanferminetako martxari eusteko ere.
Izeba Irenek: "Goiztiar ala heldu berri?" esan ohi dio Martin ilobari. Luis eta bera bai kuku-txori parea?
Martin eta Luis uztarri dira. Oso ezberdinak. Alferez-gai dira, aldi berean Kazetaritza fakultatean ari dira ikasten. Luis iruinsemea da eta Martin ameskoarra, ongi kokatutako familia batekoa hau ere. Iruñeko Luis bada nor, bere familia, bere aita, baina Martin ere bai. Martin Galdeanoren nortasuna ongi ezagutzen dudan Allin ibarrean dago, haren izaera bertakoa da. Amatxi, amaren ama, Aranaratxekoa genuen, Eulate ondokoa. Bailarak horiek aski endogamikoak dira, gehienak lur jabeak dira, txikiak badira ere; eta lur gutxi daukanak lur komunalak erabili izan ditu. 1950eko hamarkadan, industria indartu zen Gipuzkoa aldean, familia guztietako baten bat aritu da Gipuzkoan lanean.
Iruñerrian, Urbasan eta Ultzaman ere garatzen da trama. Euskara joria eta bizia ekarri duzu nobelan.
Euskara batua da, nafar batuan idatzi dut, nafarrerak amankomunean dituen hogeitaka ezaugarri erabili ditut. Jon Alonsok "Larrion hitzen kontrabandista da" esan ohi du. "Feriatzaileak" hitza horren adibidea da, besterik ez. Iruñea erdaldunean moldatu dut hizkuntza, baina ez dut ahalegin berezirik egin. Nik "trago" bakarrean, "klikol" bakarrean esaten dut. Hiztegian ez da sekula agertuko, baina nobelan onartu didate. Horiek nire maletan dauden hitzak dira, nire zorrotik atera ditut, hurbilen ditudanak erabili ditut. Ez dut ahalegin berezirik egin, ez dut inor ere harritu izan nahi. Eta leku izenekin berdin. Izen horiek ez diote trabarik egiten nobelari, alderantziz, nolabaiteko hurbiltasuna ematen diote kontakizunari.
Pertsonaien elkarrizketei eman diezu lehentasuna.
Elkarrizketak film batekoak balira bezala ekarri nahi izan ditut, zineko eszenen modura. Elkarrizketei garrantzia eman diet edo horretan ahalegindu naiz. Lortu ote dudan? Hori irakurleek esan behar dute.
Maiz entzun dut "hasi eta buka egin dut". Ez da gutxi. Gari Garaialde foto-kazetariak txio batean "Feriatzaileak nobelako Martin eta Luis protagonistekin nabil, lortuko al dute?". Badakizu, zer poza hartu nuen? Ez dakit gero akaberan gustatu zaion, artean zerbait sorrarazi izan badio, primeran.
Kritikak jaso ditu nobelak....
Egiari zor, nobela hau maskulinoa da, eta kontrasterako bi emakume indartsu sartu nituen, Irene eta Gisèle. Gisèle agertzen den unetik nobelak gora egiten du, Irene izebaren rola ere gakoa da.
Kritika gehienak emakume bi horien profila dela eta heldu zaizkit: "Ez al zegoen beste emakumerik 1969an? Denak neskame edo putak ziren?". Ongi da. Ordea, nik adierazi nahi nuena kontatzeko bi emakume horien ezaugarriak behar nituen.
"Feriatu hitza gazteleraz erabili izan da batez ere, eta orain, aurrerantzean, espero dut euskaraz ere erabiltzea"
Kritika batean "pertsonaia onen eta gaiztoen arteko manikeismoa" irakurri dugu.
Martin eta Luis maitagarriak dira, baina Salbatore eta Pedrotxo ere bai, beste bandokoak izanda ere. Niretzat ez dago manikeismorik, nik feriatze batzuk kontatu ditut. Kontakizunean ez da pertsonaia bat goratzen eta beste bat apaltzen.
Zure lehen nobela izanda, non izan duzu traba gehien?
Editatzeko unean moztu behar izan dugu, pertsonaia batzuk sakrifikatu, batzuen rola egokitu... Bestalde, eztabaidatu genuen fikzioaren eta historiaren artean zeini eman leku gehien. Bada, niretzat garbi dago nobelan zein atera behar den garaile: fikzioa. Nobelaren oinarrian dokumentatze-lan handia dago, gero gezurrak kontatzeko bada ere.
Istorioa elipsi-joerari uko egin gabe idatzi duzu.
Pello Lizarralde lankideak dioenez, "Patxi Larrionen jardueran elipsia da nagusi". Ezagutzen nautenek badakite hori dela adierazteko nire moldea. Nik elipsia behar dut, eta nobelan ere ziur aski ezaugarri hori oso presente dago, berez doan estiloa da. Elipsiaren estiloa oso ongi menperatu behar da, noski, eta igual nik ez dut lortu, onartzen dut traba izan daitekeela, baina elipsirik gabe ez zen Patxi Larrionen nobela izango. | news |
argia-1fad8773d501 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/josenea.html | Bertako infusio ekologikoak, errespetuz eginak | Garazi Zabaleta | 2017-02-26 00:00:00 | Bertako infusio ekologikoak, errespetuz eginak
Landare usaintsuen eta sendagarrien hazkuntzan lan egiten du Josenea elkarte soziolaboralak. Irati ibaiaren ertzean, Irunberriko (Nafarroa) Bordablanca parajean dituen lurretatik gure katiluetara egiten dute salto Joseneako landareek, infusio moduan gehienak, baina baita bestelako produktuen formarekin ere: ongailuak, txokolatea, olio esentzialak edota kosmetikako produktuak, esaterako.
Printzipio ekologikoekin landuak
2002an sortu zuten Josenea elkarte soziolaborala. Hasieratik egin zuen ekoizpen ekologikorako hautua, eta bere lurretako landare, zuhaixka nahiz arbola barietate guztiak era horretan ekoizten dituzte. NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren zigilua du Joseneak.
Ingurumenarekiko errespetua elkartearen oinarrietako bat izanik, azpiegiturak modu berezian daude diseinatuta eta eraikita Irunberriko gunean: landareen hazkuntza lanetarako energia berriztagarria soilik darabilte (eolikoa eta fotoboltaikoa). Lehortegiak berotzeko, adibidez, eguzki-beroaz baliatzen dira egunez, eta biomasa galdara bidez gauez.
Funtzio soziala eta ingurumenekoa
Gizarte-bazterketari aurre egitea izan da Joseneako proiektuaren ezaugarri nagusia, bere sorreratik. Horretarako, lanpostua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonak laguntzen ditu elkarteak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta Ongizate Sozialaren Nafarroako Institutuarekin batera. Enplegua aurkitzeko arazoak dituzten gizataldeei erremintak eskaintzea da ideia, langileentzat zubi edo tranpolin moduan jokatzea. Gizarteratze prozesuan dauden hogei pertsona inguru dituzte kontratatuta, eta Joseneako teknikarien laguntzarekin eta jasotzen duten formazioarekin, bertatik pasatzen diren gehienek lan mundurako sarbidea topatzen dute (2015ean %90 inguruk, elkartearen arabera).
"Ekologikoaren eta sozialaren arteko elkartzea ezin hobea da, naturarekiko eta pertsonekiko errespetuak bat egiten dutelako", dio elkarteak. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.