id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-840ad85ffce8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/kama-sutraren-gako-ezkutuak.html | Kama Sutraren gako ezkutuak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-04-17 00:00:00 | Kama Sutraren gako ezkutuak
India, K.a. 240. eta 550. urteen artean. Vatsyayana idazle eta lekaideak Kama Sutra edo Sexualitateari buruzko aforismoak idatzi zuen. Lana ezagun egin duten sexu jarrerez gain, Kama Sutrak beste gai batzuk jorratzen ditu; esaterako, emaztea aukeratzeko irizpideak eta emaztearen betebeharrak eta pribilegioak.
Hala, liburuaren hirugarren atalean emazte perfektuak menperatu beharreko 64 arte zerrendatzen dira: janaria prestatzea, janzkera, masajeak, lurrinak nahastea, xakea, konjuruak egitea, zurgintza, koadernaketa... Horien artean, zerrendako 45. tokian, Mlecchita Vikalpa edo idazketa eta komunikazio sekretuaren artea dago. Horrenbestez, Kama Sutran jasotakoa kriptografiaren aipamen zaharrenetakoa da.
Jatorrizko bertsioan enkriptatzeko metodoaren xehetasunik ematen ez den arren, liburuari geroago erantsi zitzaizkion iruzkinetan, esaterako, Yasodharak gehitutako Jayamangala iruzkinean –X. eta XIII. mendeen artean– sistema zehatzak proposatzen dira. Horien arabera, testuak enkriptatzeko ordezkapen kode monoalfabetiko soilak erabili ohi zituzten. Alfabetoa bi zatitan banatu, letrak ausaz nahastu, bikoteak osatu eta letra bat besteaz ordezkatu besterik ez zen egin behar. Ordezkapenezko sistema horri Kama Sutra kodea edo Vatsyayana kodea esaten zaio eta gaur egun erraz deszifra daiteke frekuentzien analisia eginda. Baina garai hartako teknologia eta alfabetatze maila aintzat hartuta, nahikoa zen amodio kontuen sekretutxoak gordetzeko. Eta beste helburu batzuetarako ere bai, Julio Zesarrek Galiako gerran ordezkapen hutsezko enkriptatze sistema erabili baitzuen.
Kama Sutrak proposatzen duen erabilerak gerrarako baino bakeari eusteko asmoa du. Kriptografiak emakumeei beren harremanen xehetasunak gordetzeko balio behar die eta, hala, senarra hobeto zerbitzatuko dute. Baina ez hori bakarrik. Sekretuak gordetzeko artea "beti da erabilgarria eta gogoz hartua", baita emakumea senarrik gabe edo atzerrian bakarrik dagoenean ere. Kama Sutraren teknikak menperatzea jarrera akrobatikoak erabiltzea baino gehiago baita. | news |
argia-58818851b758 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/frantzian-ere-zutik-ebren-bihotzean.html | Frantzian ere zutik, EBren bihotzean | Xabier Letona | 2016-04-17 00:00:00 | Frantzian ere zutik, EBren bihotzean
Errepublika plazako mobilizazioetatik zer aterako den inork ez daki oraindik, baina Nuit Debout (Gaua Zutik) mugimenduaren abiadak Frantzian arrasto sakona utziko duela iragarri liteke. Manuel Valls lehen ministroaren lan erreforma atzera botatzeko martxoaren 31ko greba orokorraren ondoren ikasle eta gazteek ez zirela etxeratuko erabaki zuten, eta harrez gero gauero biltzen dira Errepublikako Plazan, jadanik hainbat borroka molderen bilgune bihurtua.
Doinua ez zaio ezezaguna Espainiako M-15 mugimendua jarraitu zuenari. Edo Islandiako banku eta gobernuaren aurkako protesten jarraitzaileari. Gazteak eta ikasleak tiraka, lan erreforma indarrean ez jartzea da helburu nagusia, baina dagoeneko gauak sumindu ugari batu ditu bere baitan: lan prekarietatera kondenatutakoak, etxegabetzeen borroka, matrikulen etengabeko garestitzea salatzen duten ikasleak, paperik gabekoen aldekoak, pentsioak gero eta urriagoak dituzten jubilatuak, ekologistak, sindikalistak... Borroka zahar eta berrien uztarri bilakatu da Nuit Debout.
Pariseko bihotzean sortua, ikasle zuriak akuilu, norbait ohartu zen haren bilakaera, bere horretan, arriskutsua eta zatitzailea izan zitekeela: "hemen periferia falta da". Eta Parisko auzo baztertu eta txiroagoetara ere hedatu da jada garra. Eta berdin Frantziako dozenaka hiri eta herrietara.
Frantziako establishmenta saiatu zen ezikusiarena egiten, hedabide handienei ere kosta zitzaien erreakzionatzea, eta egin dutenean, urriak izan diren manifestarien bortxazko erreakzioei leku ugari ematen diete. "Zer daukazu esateko hainbat manifestarien biolentziaz", galdetzen zaie Nuit Debouteko bozeramaileei, hauek gauez poliziak Errepublikako Plazatik egotziak izan ondoren. Gau batean bai, hurrengoan ere bai, bortxaz kanporatuak diren horiei luzatutako galdera zatitzaileak.
Myriam El Khomri ministroaren lan erreforma geldiaraztea du helburu martxoaren 31n abiarazitako sindikatuen mobilizazio erraldoiak, baina Nuit Debout urrutirago doa. François Hollanderen gobernua zartarazi nahiko luke, alderdi politiko zaharkituen sistema dantzan jarri, konstituzio prozesu berria bultzatu Frantzian, neoliberalismoaren bultzada gerarazi, gizarte eredua aldatu... Gehiegi dena gauetik egunera lortzeko, baina ez mugimenduaren norabidea finkatzeko.
ISLANDIAN, Grezian, Espainian, Portugalen eta Europako beste hainbat herrialdetan bizitako eztandak dira. Emaitzak ez dira berdinak izan guztietan, baina sakoneko korrontea norabide berdinean doa.
Orain arteko irudian, baina, Europar Batasuneko periferia versus zentroa agertu da eta lehiaren irudi gordinetakoa Troikak Grezia irentsi zuenekoa izan zen. Frantziako suminduek balantza desorekatu dute, apur bat sikiera, eta gatazka EBren bihotzera eraman dute. Alemaniak agintzen du, baina Frantzia bada nor oraindik. Zer aldatuko den inork ez daki, baina aldaketaren ubidean korrontea azkartu dela ez da zalantzarik.
"Frantziako suminduek balantza desorekatu dute, apur bat sikiera, eta gatazka EBren bihotzera eraman dute"
François Hollanderen Gobernua bota nahi du Nuit Deboutek, PSri mozorroa behingoz kendu. Zalantza barik, helburu gaitzak epe motzera, eta hala ere, Hollanderenak egin du. Italia eta Espainiarekin batera, EBren grabitate zentroa aldatzera etorri zenak, Troikaren eredua gizendu besterik ez du egin. Egunotan, Frantzian, Europako sozialdemokrazia historikoa beste urrats esanguratsu bat ematen ari da bere gainbeheran.
Errepublikaren Plaza bete-hustu dinamikak noiz arte jarraituko duen ez dago garbi, baina bere helburua gutxienez apirilaren 28ra arte irautea da. Egun horretan, sindikatu eta gizarte mugimenduek lan erreformaren aurkako beste mobilizazio egun bat deitu dute. Frantziak bakarrik ez, egun horretan EB osoak finkatuko ditu bere begiak hexagonoan.
ESPAINIAN ere izan dezake eraginik Frantzian gertatzen ari denak, eta ez Podemos PSOErekin gobernuan ikuste aldera. Nekez onetsiko zuten bestela ere PSOE eta C's-en akordioa alderdi moreko oinarriek, baina Frantziako oihartzunekin are eta gutxiago.
Hauteskundeak edo koalizio handia, horra Espainiako Estatuko herritarrek begien aurrean dutena. Podemos bietatik atera daiteke ongi, PSOEk bietan du amildegia aurrez aurre. | news |
argia-ca9fe9a88fc5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/pastorala-gotainen.html | Pastorala Gotainen | Jon Alonso | 2016-04-17 00:00:00 | Pastorala Gotainen
Joan den Aberri Egunean nolabait mila bider amestu, baina jada sekula gauzatuko ez zela uste genuen ametsa bete genuen, Gotainen. "Nolabait" idatzi dut, bere jatorrian, gazte ginelarik, amets paneuskeriko eta herrikoi honek bestelako ertzak eta pleguak edukiko zituelako, neurri batean bederen, erdi-oroitzen naizenez. Denbora joanaren kontua, besterik ez.
Ametsak mendi tontorrak bezalakoak dira. Norbera, heldu delarik, konturatzen da ia ezer ez dela aurretik irudikatu izan duen bezala. Horrek ez du esan nahi okerragoa denik, bestelakoa dela baizik.
Ametsak amets eta irudimenak irudimen, Joxe Migel Bidador. Iruñeko euskaldunak Pastorala eman genuen Aberri Egunez Gotaineko Plazan, ekiaren pean, Bortüko elurra zaindari genuela, Xiru festibalaren 27. edizioa kari. Gogoangarria han aritu ginen denontzat. Zer esanik ez izkiriatzaile apal honentzat: emanaldia finitu genuelarik, Jean Louis Davant bizirik den pastoral idazle handienetakoari (Junes Casenave litaike beste bat) agur egiteko plazera eduki bainuen, non eta haren lumak sortutako Eüskaldünak Iraultzan 23 urte aitzinago eman zen plaza berean, eta geuk ere orduko hartako azken kantua errepikatu genuelarik, gurean.
Nik ez dakit, Mixel Etxekoparek Xiberuko Botzan erran bezala, Bidador Pastorala ahal den izan urteko gertakari inportanteenetako bat, pastoralari dagokionez. Dakidana da hainbat ahots on, hainbat dantzari trebe eta hainbat musikari abil bildu dituela, Aritz Ibañez eta Ihitz Iriart denen buru, gure adiskide zenari omenaldiaren egiteko, bihotzez, eta geure buruaren eta geure euskalduntasunaren errebindikatzeko, sutsuki.
Jakin badakigu pastorala Zuberokoa eta zuberotarrena dela, eta ez dugu inorekin lehian ari nahi. Badakigu handia izaten dela tradizionearen pisua gure erakustaldietan eta gure kulturan, eta horrenbestez, gure asmoa gaitzetsiko duenik ere izango dela, ausaz. Baina zinez uste dugu, manex hauek, gure ausardia ez doala inoren kaltetan ez inoren aurka, ez bada pastoralaren beraren alde, Bidador maitetasunez eta errespetuz egina den ber. Uste dugu, halaber, zuberotarrek fier izan behar dutela, gainerako euskaldunentzat eredu eta bide den antzerki moldea lantzen, gordetzen eta edertzen jakin dutelako menderik mende.
Eskerrak eman beharrean gara Xiru festibalari, Ihitz Iriarti eta Mixel Etxekopari, eta gogoratu eta ohoratu nahi dugu Dominika Agergarai zenaren izena, Zuberoan euskaraz, lurrari atxikirik baina aldi berean munduari eta Euskal Herriko gainerako probintziei zabal bizi nahi duen belaunaldi baten aitzindari sumatzen ditugunak.
Zubereraren ele goxoa eta kantariaren ikastea duke gure hurrengo erronka. Bitartean, Biba Pastorala! Biba Zuberoa! Biba Nafarroa! Gora Euskal Herria! | news |
argia-83c08cff5136 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/ukraina-eta-bielorrusian-haurrek-badakite-zer-gertatu-zen-txernobylen.html | Ukraina eta Bielorrusian haurrek badakite zer gertatu zen Txernobylen | Pello Zubiria Kamino | 2016-04-17 00:00:00 | Ukraina eta Bielorrusian haurrek badakite zer gertatu zen Txernobylen
Apirilaren 26an dira 30 urte Ukrainako iparraldean, Bielorrusiarekiko mugan, Txernobylgo zentral nuklearra lehertu zela, gizakiak eragindako hondamendi industrialik bortitzena. Hiru hamarkada beranduago, Europako herritar askok segitzen dute beren soinetan nozitzen kutsadura erradioaktiboaren kaltea. Kantzerrak aipatzen dira sarri, baina menturaz haur askok jaiotzean dakartzaten eritasun eta matxurak are beldurgarriagoak dira.
1986ko apirilaren 26an Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiarekin amaitu zen energia atomiko ziurraren mitoa. 30 urte geroago, 2016ko otsailaren 26-28an, " 5 years living with Fukushima - 30 years living with Chernobyl " biltzarra burutu du Berlinen IPPNW Gerra Nuklearraren Prebentziorako Nazioarteko Medikuen elkarteak, aztertzeko du nola bizi diren Txernobylgoaren ondorioak jasaten dituzten jendeak.
Orduan Sobiet Batasuna zeneko, Japoniako, Amerikako Estatu Batuetako eta Alemaniako adituez gain, gehiago ere hurbildu ziren mundu osotik Berlinen Urania zientzia elkarteak daukan egoitzara.
Aurkezpen hitzaldian Ian Fairlie mediku radiobiologo britainiarrak laburbildu zuen berrikitan publikatu duen " The Other Report On Chernobyl " dossierra, Austriako Lurraren Lagunen eta Vienako udalaren enkarguz egina.
Bost milioi biztanle bizi dira gaur Bielorrusia, Ukraina eta Errusiako lurralde kutsatuenetan. Oso kutsatuta daude Bielorrusiaren azalera osoaren ia laurdena, %22, Austriaren %13, Ukrainiaren %6,3, Finlandiaren %5,6, Suediaren %5,4…
1986an erradioaktibitatea ia Europa osoan zehar zabaldu zenez, 400 milioi lagun bizi dira gutxiago kutsatutako eremuetan. Ez begiratu soilik Bielorrusia eta Ukrainara, Mendebaldeko Europako lurren %42 dago gutxi-asko kutsatuta, bertan erori zelako Txernobyldik iritsitako euri erradiaktiboaren %37. Fairlie doktoreak erakutsi du mapa deigarri bat, Europako Batzordeak 1998an enkargatua baina gaur nazioarteko erakunde nagusi batzuek ezkutatzen dutena, zeinak erakusten duen 1986ko apiril-maiatzean noraino iritsi zen 137-Zesioa zeraman erradiaktibitatezko mototsa, Txernobyldik urruti ere utziz pozoi guneak: Eskozian, Norvegian, Suedian, Finlandian, Italian, Alpe mendietan, Balkanetan, herrialde eslaboetan…
Fairlieren kalkuluetan 40.000 heriotza espero behar dira minbiziagatik bakarrik. Tiroideetako minbiziari dagokionez, 6.000 gertatu dira orain arte eta 16.000 gehiago espero behar dira. Gaur egun erradiazioagatiko tiroideetako kantzerren ugaritzea frogatuta dago Austrian, baita kutsadura beragatiko leuzemia, gaixotasun kardiobaskular eta bularreko minbizien ugaritzea ere.
Urteotan, gainera, froga berriak azaldu dira erradiaktibitatearen eraginez haur askok dakartzaten jaiotzetiko akats –tartean Down sindromea–, eritasun mental, diabetes eta beste gaixotasunez ere.
Berlingo biltzarrean hitz egin zuten eremu kaltetuenetako herritarren osasuna artatzen duten mediku adituetako batzuek. Bielorrusiatik, Buda-Koxelevo eskualdeko herritarren osasun egoeraren lekukotasuna eman zuen Sergey Stanislavovitx Korsak mediku eta probintziako poliklinikako zuzendariak. Txernobyldik 250 kilometrora dagoen Buda-Koxelevon 31.771 pertsona bizi dira, denak ere oso kutsatutako lurraldean; jende helduetako askok parte hartu zuten istripuaren ondorengo liquidator gisa garbiketa lanetan.
Stanislavovichen esanetan "eskualdeko estatistika mediku eta demografikoak begiratzea aski da ohartzeko bertako jendeen osasuna urtetik urtera okerragora doala". Alegia, Adam Abramovich idazlearen hitzak erabiliz, tamalez Txernobyl ez dela iraganeko kontua etorkizunekoa baino. Bereziki nabarmendu zituen emakumeek haurdunaldian jasandako arazoak eta umeek jaiotzean dakartzatenak. Gero eta sarriago agertzen baitira gaixotasun kongenitoak: kromosometako arazoak, Down, fibrosi kistikoa…
Infernuan biziraun behar
Wladimir Wertelecki mediku eta genetikan adituak jaio berrien malformazio kongenitoen ugaritzea aztertu du Ukrainako Rivne probintziaren iparraldean , Polesia eskualdearen zati batean. 1986ko istripu atomikoak Ukrainan gehien kutsatutako eremua da, Txernobyl ondoko lurraldea bera baino pozoituagoa.
1996tik ari da hor antropologo, matematikari, estatistikari, nutrizionista, psikologo eta abarrez osatutako ikertalde zabala. Irradiazioak aipatzean –kutsadurak, oro har– beti kantzerrei erreparatzen zaien arren, horiek bezainbesteko garrantzia daukate teratologiak aztertzen dituen haur jaio berrien malformazio kongenitoek. Polesiako zoko hau erradioaktibitatearen kalteen laborategi bat da horretan: biztanleak oso isolaturik bizi direnez, bertan ekoiztutako jaki pozoituak jan behar dituzte bertako egur irradiatuaren sutan kuzinaturik.
Rivne-Polesia Europako txapeldun tristea da ume jaio berrien arteko hiru eritasunetan: bizkarrezur-muineko tutuaren malformazioak, mikrozefalia (buru txikiegia) eta mikroftalmia (begi txikiegiak). Horien zergatiak ikertzen hasita, beste kausa posibleak baztertu eta erradioaktibitatean arakaturik, aurkitu dute gaur Rivne-Polisian kutsadura handiagoa dela duela 15 urte baino, urtez urte kontzentratzen ari delako.
Baina ezustean estrontzioa aurkitu dute kopuru handitan. "Denek begiratzen diote zesioari –dio Werteleckik– baina estrontzioa askoz arriskutsuagoa da uste dena baino, hezurduran eta haginetan kokatuko zaio haurrari bizi osorako, ez du pixarekin kanporatuko zesioa bezala". Azken hamar urteotan eskualdeko haur guztien jarraipena egin duten sendagileon arazoetako bat da mundu mailan oso gutxi ikertu dela gizakiaren fetuak estrontzioarekiko daukan sentiberatasuna. Osasun agintariek ere ez diote arreta berezirik jarri. Zer ondorioztatu esku artean dauzkaten datuetatik?
Weterleckik ez du ikusten hiru aukera baizik. Edo malformazioen ugaritze hori ez da irradiazioengatik, baina orduan agintariek bestelako esplikazio koherente bat eskaini behar dute. Edo, bi, fetua askoz sentiberagoa da irradiazioekiko uste zena baino. Edo, hiru, dauden irradiazio kopuruak askoz handiagoak dira agintariek aitortutakoak baino.
Rivne-Polesiako haur bati dedikatu dio hitzaldia Weterleckik. Jaio berririk abandonatuta geratu zen, amari ez baitzioten erakutsi ere egin: "Munstro bat erditu duzu hilik sortu dena. Zoaz etxera, ahaztu ezazu eta saiatu berriro". Amak lur jota ihes egin zuen Ukrainatik. Zango bat gabe, ez sexu, ez obario, ez utero... baina bizi poz handia zeukan umezurtz txiki hura medikuok hospizioan aurkiturik amatxiri eraman zioten, eta honek amari itzuli. Gaur Mendebaldeko Europako unibertsitateren batean ari omen da ikasten. Zorionez, erradiaktibitateak kalteak haurdunaldiaren oso hasieran egin zizkion eta burmuina matxuratu ez, errejeneratzeko aukerak emanez.
Weterleckiri txaloz eten zioten hitzaldia esan zuenean: "Medikuontzako inportanteena ez da epidemiologia, prebentzioa baizik. Eta badakigu nola prebenitu. Berehala ekin behar diogu". | news |
argia-0ba10aefa502 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/alejandro-cearreta-geologoa-eta-paleontologoa.html | �Planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari gara� | Jabi Zabala | 2016-04-17 00:00:00 | �Planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari gara�
Gizakion eragina hain handia da gure planetan ezen lorratza uzten ari gara etorkizuneko geruza geologikoak izango diren egungo sedimentuetan. Horregatik, egun bizi garen epokari Antropozenoa deitzea proposatu dute batzuek. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak, hori onartu aurretik, frogak biltzea eskatu dio zientzialari talde bati; horretan dabil Alejandro Cearreta bilbotarra, EHUko irakaslea.
Nola sortu zitzaizun fosilekiko lilura?
Nerabea nintzela, Arabako Zuhatzu Kuartangon igarotzen nituen udak. Behin, gurasoen lagun batek harri puska bat erakutsi eta fosilizatutako itsas trikua zela azaldu zidan. Fosilak ezagutzeak nire buruan sekulako eztanda eragin zuen: duela milioika urte bizirik zegoen animalia begien aurrean ikustea ideia liluragarria iruditu zitzaidan.
Itxurazko lehenengo kontradikzioa: zientzia eta pasioa.
Funtsezko osagaia da pasioa. Ondoren metodo zientifikoaren bidez garatuko duzu ikerketa, baina lilura hori ezinbesteko pizgarria da.
Edonora zoazela harriei begira geratzen direnetakoa zara?
Dudarik gabe, hondartzara banoa, toalla zabaltzean, hondar aleei erreparatzen diet. Deformazio profesionala da baina ziur nago botanikoriei ere antzera gertatzen zaiela landareekin.
Mikropaleontologia ez da hain ikusgarria.
Museoetan lagin ikusgarriak daude: dinosauro hezurrak, balea hezurrak… Baina ugariagoak eta aurkitzeko errazagoak dira beste batzuk: polen aleak, adibidez, oso txikiak dira baina geruzetan oso erraz antzematen dira eta informazio oso zehatza ematen digute, aldaketa paleoanbientalak, itsasoaren mailaren aldaketak...
Zientzialari batzuek egungo garai geologikoari Antropozeno deitzea proposatzen duzue, zergatik?
Fosilei begira, lurraren iraganeko eonak, aroak eta epokak zehaztu ditzakegu. Bada, ikerlari askok uste dugu une honetan planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari garela gizakiok. Aldaketa nahikoa erakusten dute frogek Holozenoa ez den beste garai batean sartu zarela esateko. Garai horri Antropozeno deitzea proposatzen dugu.
Zerk salatzen du Antropozenoa geruzetan?
Adibidez, plastikoa egoteak, zati mikroskopikoak batez ere, isotopo erradioaktiboek, zementuak, guk fabrikatutako gauzek, garbigailuek, telefonoek, panpinek… Milioika dira eta 1950eko hamarkadatik hona mundu osoan zabaldu dira. Banaketa globala izatea ezinbestekoa da garai geologiko izendatu ahal izateko.
Pixka bat freskoago behar genuke, egun.
Bai, azken 800.000 urteotan, batez beste, 90.000 eta 10.000 urtekoak izan dira, hurrenez hurren, glaziazioak eta aro epelak. Holozenoak, 11.700 urterekin, aro epelen batez besteko iraupena gainditu du daborduko, hurrengo glaziazioaren hastapenean beharko genuke. Baina batzuetan izan dira glaziazio arteko tarte luzexeagoak, horrek sortzen du zalantza, iraupen luze hau naturala ote den.
Agian berdintzen ari gara hozte hori planetaren berotzearekin?
Hor dago koxka: hoztea zer ari den moteltzen. Akaso gasen isurketaren ondorioz dagoen berotzeak? Normala da ala gizakion ondoriozkoa? Interes handiak daude berotze globala eta Antropozenoa onartuak izan ez daitezen, onartzeak behartuko gintuzkeelako gure bizimodua, sistema ekonomikoa eta aberastasunaren banaketa birpentsatzera. Baina aldeko eta kontrakoen lehia politikoa da, ez zientifikoa.
Denak zarete Antropozeno deitzearen aldekoak talde horretan?
Denak ados gaude Antropozeno izendapenarekin baina ez gatoz bat horren abiapuntua zehazteko unean. Taldean 32 lagun gaude eta gehienok 1950etik aurrera gertatutako bizkortze handian ezartzen dugu Antropozenoaren hastapena. Beste batzuek Neolitoan jartzen dute, animaliak eta landareak gobernatzen hasi ginen garaian.
Zeintzuk dira Antropozenoa kontzeptua arbuiatzen dutenen argudioak?
Ez zela geologiatik sortu, behaketa batzuetatik abiatuta froga geologikoak bilatzeari ekin zaiola. Jenio baten burutapena izan zen? Bai, baina horrek ez du baliorik gabe uzten kontzeptua. Beste gaitzespen batzuen ildoa da kontzeptu politikoa dela zientifikoa baino.
Horrek galga dezake onarpena?
Bai, zientzialariok orain arte iraganera begira egon garelako, denbora horietatik kanpo kokatzen ginen. Honek galdetzen digu egun bizi garen aroaz eta nolabaiteko beldurra sortzen du geologoen komunitatean, Antropozenoaren onarpenak ondoren horren inguruko galderak egitera behartuko gintuzkeelako, onargarria ote den… Kontzeptuak interpretazio politikoak izango ditu gero, noski, baina oraingo eginkizuna haren existentzia zientifikoki zehaztea da, froga geologikoei erreparatuta.
Kanpo interferentziarik bada?
Antropozenoa onartzeak interes ekonomiko batzuei eragingo lieke. Adibidez, petrolio ekoizleei. Beraz, lehia politikoa da hor, ez zientifikoa. Zer abantaila luke abiapuntua Neolitoan jartzeak? Bada, ez lukeela zalantzan jarriko gure jokabidea, ardura arbasoengan jarrita. Beste batzuk Antropozeno on batez mintzo dira, think tank estatubatuar batzuen eraginez, akaso ona delako ustea bultzatzen ari dira AEBetan. Klima aldaketaren ondorio onei erreparatzen diete, garia landatu ahal izango dugula Alaskan edo Siberian… Beste batzuk oso kezkatuta daude, Ozeano Bareko irla batzuk desagertuko ote diren beldur dira. Eztabaida zientifikoa interpretazio horietatik kanpo mantendu behar dugu. | news |
argia-cada38127dc7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/euskal-herritik-ihesi-errusia-komunista-babesleku.html | Euskal Herritik ihesi, Errusia komunista babesleku | Ibai Trebi�o | 2015-11-29 00:00:00 | Euskal Herritik ihesi, Errusia komunista babesleku
Valeri Kharmalov sobietarra izotz hockey jokalari ospetsua izan zen. Moskuko CSKA taldean11 liga irabazi zituen eta, 1969 eta 1979 artean, munduko 8 txapelketa irabazi zituen selekzioarekin. Ez da, ordea, hain ezaguna Kharmaloven ezizena: Patxito. Jatorri euskalduna du-eta, gerratik ihesi SESBera heldutako beste askok bezala.
Gerra Hotza bete-betean zela, Kharmalov kirolaren ikono bilakatu zen orduko Sobietar Batasunean. Horren erakusgarri da Patxitoren biografia jasotzen duen 17. zenbakidun kondaira filma. 2013an argitaratu zuten eta azken urteotan Errusian diru gehien biltzea lortu duen filma da.
Kharmaloven ama ere aski ezaguna da Errusian; Bilboko Las Cortes-en jaioa, Karmen Oribe – Begoñita ezizenez ezaguna– 1937ko ekainaren 22an iritsi zen Sobietar Batasunera, Espainiako gerra zibiletik ihesi. Karmen Oriberen kasuan bezala, Errusiara ihes egindakoen artean daude gerora ezagun egingo ziren beste errusiar batzuen sustraiak. Adibidez, Txetxu Biriukov saskibaloi jokalari ezagunarenak; Klara Agirregabiria euskal iheslariaren semea da.
Begoñita k 8 urte baino ez zituen 1937ko ekainean, Santurtziko portutik Habana itsasontzira igo zenean. Kolpista faxistek sei egun geroago hartu zuten Bilbo menpean. Gerra zibilak uholde humanitarioa bideratu zuen Euskal Herritik Sobietar Batasunera, 3.000 ume inguru. Gehienak Euskal Herrikoak izan arren, ez ziren izan Espainiako Estatutik Sobietar Batasunera ihes egindako bakarrak. Bartzelona, Valentzia, Asturias edo Kantabriatik ere ehunka ume Errusiara joan ziren errefuxiatu.
"3.000 ume horietatik, 50 baino ez dira gelditzen", esan digu Errusiako gerra umeen bozeramaile Francisco Mansillak. Krimeako Yaltan hiriko Artek kanpalekuan eman zituen lehenengo urteak Mansillak, Bigarren Mundu Gerra hasi arte. Gerra hastearekin, ume gehienak bezala, Mansilla leku seguru batera eraman zuten agintariek. Armada naziak aurrera egin izanak umeen beste ebakuazio bat eragin zuen eta horrek Georgiako hiriburura, Tbilisira, eraman zuen Mansilla. Han Dimitrov fabrika sobietarrean lanean hasi zen. SESBeko aireko indarrarentzat YAK hegazkinak egiten zituen. Gerra amaituta Moskura itzuli zen Mansilla, ia bizitza osoa eman duen hirira.
Ostiralero legez, Moskuko erdigunean dagoen "espainiar zentroan" dute hitzordua faxismoaren mehatxutik ihes egindako umeek. Egun, baina, agure bilakatuta, "haien tragediaz" edo egungo egoera politikoaz hitz egiteko erabiltzen dituzte ostiraleko topaketak. Udako ostiral hau berezia da. Espainiako Estatutik bisitan etorritako senideekin ordu goxo batzuk pasatzeko aukera paregabea eman die. Krimea Ukraina dela esaten dio Kontxitak barraren bestaldean dagoen senideari. "Ez, Krimea historikoki Errusia izan da", erantzun dio bisitan etorritako senideak.
Horrelaxe pasatzen dituzte orduak hemen, eztabaida, kafe, garagardo eta barre artean. Kontxita bat-batean "beren tragediaz" hitz egiten hasi da; Moskuko ume gehienak bezala, Kontxita ere euskal herritarra da. Ortuellan jaioa, 3 urte baino ez zituela egin zuen alde Euskal Herritik. Bere ahizpa eta amarekin batera Kataluniara egin zuten, baina bidean ezbehar handi batek guztiz aldatuko zuen familiaren etorkizuna. Ama ustekabean hil egin zen. Adinez txikia zela-eta, gauza gutxi gogoratzen badu ere, "miliziano katalan batzuei esker salbatu genuen bizitza", esan digu ortuellarrak. PSUC alderdiko borrokalariek mugaren bestaldeko babesleku ziur batera eraman zituzten Kontxita eta bere ahizpa. 1938an heldu zen Errusiara Kontxita, baina iheslekua ez du ondo gogoratzen: "Ez dakit Bartzelonatik edo Frantziatik ihes egin genuen".
Atearen bestaldetik agertu den agure irribarretsu txiki batek ongi etorria eman digu. Euskal jatorria du berak ere. Nicolas Gregorio Rodriguez 1928an jaio zen Bilbon. "Zazpi kaleetan, Tendeñera kalean hain zuzen ere", dio harro Nicolasek. "Nire ama Salamancan jaio zen eta aita Zamoran, baina ni bilbotar peto-petoa naiz". Beste migrante askok bezala, industrializazioaren garaian, Nicolasen gurasoak lan bila heldu ziren Euskal Herrira. Nicolas euskaraz mintzo ez den arren, bere jatorriaz harro sentitzen da: "Denek euskalduna naizela esaten didate hemen, nire azentua dela-eta", dio barrez.
Nicolasek ere Habana ontzian utzi zuen Euskal Herria atzean. Senideak, ordea, Bilbon geratu ziren; hiru senide, ama eta aita. Errepublikaren alde borrokan ari zen gudaria zuen aita. "Bordelera eraman gintuzten lehendabizi eta handik Leningradera, Sontay izeneko itsasontzian". Bidaiaren detaile eta bitxikeria asko gogoratzen ez dituen arren, ez du sekula ahaztuko bularrean idatzita zeraman "Errusia" kartel hura. Berarekin batera Euskal Herriko beste 1.500 umek bidaiatu zuten Errusiaraino.
Sobietar Batasunera heldu, eta Ukrainako Odesa hirian eman zituen lehenengo urteak Nicolasek. Leningradetik trenez egin zuten Odesarako bidaia euskal umeek. Bidaia luzea eta neketsua izan zen, baina geltoki guztietan jendeak ongi etorria eta opariak ematen zizkieten. Odesan kanpaleku berezi batera eraman zituzten umeak eta han bizitza duina egin zuten. "Ikasteko aukera izan genuen, jana ere sobran zegoen eta lo-egiteko lekua ere oso erosoa zen", esan digu. "Ezin ginen kexatu, umeak ginen eta Itsaso Beltzean bainua hartzeko aukera geneukan; Moskurekin edo Leningradekin alderatuta askoz hobeto bizi ginen Odesan".
Ondo izan arren, ume euskaldunek ez zuten inoiz galdu etxera itzultzeko itxaropena, Nicolasek esan digunez. Halere, 1939an, gerra zibila amaituta, etxera ezin itzultzeak ezkortasuna piztu zuen ume askorengan. Moskuko Artxibategi Historikoan aurkitutako dokumentuetan umeen zailtasunez eta bizitza tristeaz irakurri dugu, eta ume askoren kexak ere jasota daude. "Jana ez zuten gustuko, eta etxetik urrun egoteak tristura ikaragarria eragiten zien umeei. Etxera bueltatzeko itxaropen guztia galduta zeukaten".
Aberriaren Gerra Handia edo Bigarren Mundu Gerra Odesara heldu zenean euskal umeen drama areagotu zen. Sobietar gobernuak babesleku segurutzat zuen Volga aldera ebakuatu zituen umeak, Saratov hirira. Han lortu zuen Nicolasek bere lehen enplegua. Eta han ere umeek ezagutu zituzten gerraren gogortasuna eta miseria. "Urte gogorrak izan ziren, baldintza txarretan bizi ginen: gosea eta hotza sufritu genituen". Mansilla eta beste euskal herritarren kasuan, Saratovetik Georgiara edo leku "lasaiagoetara" ebakuatu zituzten. Halere Leningraden zeunden umeekin alderatuta zorte handia eduki zuten Saratoven egondakoek. Leningradeko setioan ume asko harrapaturik geratu ziren, hiritik irten ezinean. 882 egun iraun zuen Leningradeko setioak eta milioika pertsonek galdu zuten bizitza, gosearen eta hotzaren ondorioz batez ere. Ume euskaldun batzuek bertatik bertara bizi behar izan zuten nazien eraso bortitza. "Borrokatzeko adinean zeudenak, armada gorriarekin bat egiten zuten", esan digu Nicolasek.
Ia 20 urte pasatu behar izan ziren lehen euskaldunak etxera bueltatu ahal izateko. 1956an itzuli ziren lehenengoak. "Inbidiaz" ikusi zituen Nicolasek. Berak 1968ra arte itxaron behar izan zuen. "31 urte pasatu baziren ere, nire amaren aurpegia ondo gogoratzen nuen. Hunkituta nengoen". Ez zen gutxiagorako. Hegazkinik ez artean, trenez bidaiatu zuen Moskutik Parisera eta handik Hendaiara. "Espainian sartu ahal izateko bisa jaso behar genuen Parisko Espainiako enbaxadan". Orduan Sobietar Batasunak ez zeukan inolako harreman diplomatikorik Espainia frankistarekin eta hori arazoa zen bisa lortzeko.
Gerra amaitu eta Moskura itzultzeko aukera eduki zuela dio Nicolasek. "Guk, euskaldunok, orokorrean zorte handia izan dugu hemen. Sobietar gobernuak emandako etxebizitza geneukan, lana, dirua, eta abar". Gaur egungo bizitzaz kexu da, Sobietar Batasunaren desagerpena ekarri duen atzeraldi sozialak kezka handia sortzen dio. "Orain ordea ez daukagu ezer, pentsio txiki bat baino ez". Arazoaren erruaren zati bat –errusiar gehienek bezala– "amerikarrei" egozten die.
Bizitza osoa Moskun eman ondoren, Moskun hilko dela argi du Nicolasek, baita Errusiara ihes egindako euskaldun gehienek ere. Faxismoaren biktima gisa edo bestelako onarpenik gabe hilko diren arren, gure herritik atzerrira ihesean joandakoen testigantzek lagunduko dute justizia eta egiaren aldeko borroka bizirik mantentzen. | news |
argia-81b0f3f95244 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/zenbakiak-sexuan.html | Zenbakiak sexuan | Irati Elorrieta | 2015-11-29 00:00:00 | Zenbakiak sexuan
Politikarien arteko ohiko ika-mika eta tratu txarren arteko notizien artean, EITBren App-ean irakurri nuen nafarren %60k ez duela antisorgailurik erabiltzen lehen sexu-harremanean. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuak antzekoak direla. Aja. Askotxo iruditu zitzaidan. Aitortzen dut, gehiegitxo ere iruditu zitzaidan. Gero pentsatu nuen, belaunaldi-perspektiba kontua izango zela. Azken batean, pasa dira urte batzuk gure lehen sexu-harremanen garaitik... Ala horrenbeste urte Euskal Herritik kanpo daramatzadalako eman al zidan arreta datuak?
Sujeta ahaztu ez zaidanez, eta abenduaren 1ean HIESaren kontrako nazioarteko eguna denez, sarean bilaketa egitea erabaki dut. Konparatu nahi nuen. Bizilekua Berlinen baina burua bi tokitan bizi duen norbaiten maniak... 2010ean Alemaniako gazteen sexualitatea aztertu zuen ikerketaren arabera, hara: lehen aldian %92k erabili zituen antisorgailuak. Horietako gehienek kondoia. Badakit estatistiketan, elementu askori begiratu behar zaiola eta erantzun guztiak ere ez direla egia izango. Baina dezentekoa da aldea. Pentsa, ezertxo ere erabili ez zutenak %8 baino ez zirela izan! Horietatik %60k, egoera espontaneoegia izatea eman zuen arrazoi gisa. Euskal Herriko gazteek droga eta alkohola aipatzen omen dute batez ere arrazoien artean. Baina (hemendik dudan inpresioa da) Euskal Herria eta drogak, hori beste tabu bat da.
Adituek diote arazoa ez dela gazteen informazio falta. Ez, ziurrenez ez. Nik hona ekarriko dudan aspektua baino azalpen antropologikoagoa beharko du arazoak. Kanpaina prebentiboen ikusgarritasuna datorkit niri burura. Urteak dira Euskal Herrian bizi ez naizela eta ez da harritzekoa izango Osakidetzak 2008an eta 2013an egindako kartelak ez ezagutzea. Kartelak osasun zentroetan, farmazietan eta sarean zabaldu omen ziren. Ni han nagoenean, ordea, gehiago ibiltzen naiz Bilboko Metroan, eta etxebizitzak edo autoak erosteko kredituen publizitatea sartu izan zait batez ere begietatik.
Berlinera heldu nintzeneko urteetan HIESaren prebentziorako kanpainek koloretako kondoiak erakusten zituzten fondo zuriaren kontra: betaurreko arrosak maiteminduentzat eta munduko globo urdina ibiltarientzat. Urtero irteten da kanpaina berria kalera. Eta kalera idaztean, kaleetara diot, espazio publikora. Kondoiak pepino, artaburu zein mailukiak biltzen ikusi ditugu. Sexurako tokiak: tximiniadun gela erromantikoa suarekin jolastu nahi zutenentzat, gazteren baten gela kaotikoa, laku baten ertzeko kai erdi-ezkutua. 2012tik aurrera pertsonak agertzen dira, zer nolako sexua praktikatzen duten esanez. Maitekor egiten dutenak, klasiko, eroso, lotsa gabe, sinpleki, espontaneoki, seguru... Aurtengo esloganak: Latexarekin egiten dut. Esperientziarekin egiten dut. Lagun egokiarekin egiten dut. Senarrarekin egiten dut. Bihotz-taupadekin egiten dut. Prakak jaitsita egiten dut. Ginekologoarekin egiten dut. Eslogan nagusien inguruko mezuetan hainbat aspektu aipatzen dira, esaterako, sexu transmisiozko beste gaixotasunak, eta haietaz bikotekidearekin hitz egin eta medikuarengana jotzeko garrantzia. 65.000 kanpoko publizitate-euskarri jaso dituzte aurten musu-truk.
Osakidetzako webgunean irakur daitekeenez, "gaur egungo testuinguruaren herstura sozialari jarraiki, baztertu egin zen zabalkundeko alde garestiena; kanpoko publizitate-euskarrien kontratazioa". Krisiak euskal gazteen harreman intimoenetaraino eragina duela ondorioztatzen dut. | news |
argia-9595088127f3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/ugo-bardi-peak-civilisation.html | Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala? | Ugo Bardi | 2015-11-29 00:00:00 | Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala?
Abenduan Parisen Lurraren klimaren beroketa aztertu eta erabakiak adosten saiatu behar du COP21 gailurrak. Klimaren aldaketak pizten duen alarma estuki dago lotuta planetaren mugekin, horregatik aipatzen da hain sarri 1972an argitaratutako 'The Limits to Growth' (Hazkundearen mugak) informea. Hartan aurreikusitako hipotesirik txarrenetik doanez Lurra planeta, katastrofe klimatiko, ekologiko eta azkenean humanoari aurre egiteko egin diren saiakeretan –Kiotoko protokoloa, COP gailurrak...– erreferentzia saihestezina da. Bestalde, pentsamendu kritikoak lantzen dituen hazkunde eredua, justizia klimatikoa, garapen iraunkorra, desazkundea... denetan egiten du oihartzun oraindik ikerlan hark.
1972ko 'The Limits to Growth' berrikusi eta eguneratu dutenetako bat Ugo Bardi italiarra da, 2011n The Limits to Growth Revisited publikatuz (gaztelaniazko bertsioa bada: Los límites del crecimiento retomados). Ugo Bardi (Florentzia, 1952), kimikako irakaslea Florentziako unibertsitatean, aditua da sistemen dinamikan, klimaren zientzian eta energia berriztagarrietan. Petrolioaren gailurraz eta lehengaien ustiaketaz zenbait liburu idatzia, Petrolioaren eta Gasaren Gailurra Aztertzeko Elkartearen (ASPO, ingelesez) Italiako saila sortu zuen. Bere bloga italieraz 'Effetto Cassandra' da eta ingelesez 'The Cassandra's legacy'.
Bardik 2009ko ekainean Italiako Alcatraz hirian emandako hitzaldiaren laburpena dakargu hona. 40 minutuko saioaren testu osoa Interneten eskuragai dago ingelesez: 'Peak Civilisation: The Fall of the Roman Empire'. Grezian eta Erromako Inperioan mamitutako zibilizazioak hondoa jo zuen V. mendean. Erdi Aroa etorri zen gero. Gizakia barne duen Lurra sistemak Erdi Aroan aurkitu zuen nolabaiteko oreka. Zergatik ez ote zuten oinaze eta txikizio gutxiagoko irtenbide bat aurkitu aurreko mendeetako zibilizatuek?
Erromako Inperioaren makaltze eta eroriarena behin eta berriro eztabaidatutako kontua da, uste dugulako gure zibilizazioak jarraitu lezakeela Erromakoaren patu bera: makaldu eta erortzea. Erromakoan ikusi dezakegu hondoa jotzen duten [collapsing] gizarteen paradigma.
Historialariak –eta jende gehiago– eztabaidan aritu dira honetaz, dozenaka esplikaziotara iristeko: barbaroen inbasioak, epidemiak, berunagatiko pozoitzea, dekadentzia morala eta beste hainbat. Zein ote da zuzena ala denak daude zuzen? Ni oinarrituko naiz Joseph Tainter ren [AEB 1949, antropologo eta historialaria, Collapse of Complex Societies famatuaren egilea] interpretazioan, alegia inperioak eta zibilizazioak sistema 'konplexutzat' jotzen dituelako, eta sistemen dinamika erabiliko dut kolapsoa deskribitzeko.
Hondamendia barnetik ikusita
Hasi gaitezen hasieratik... Erromatarrek berek ulertu ote zuten zer ari zitzaien gertatzen? Garrantzizko kontua da: gizarte batek, honen agintariek esan nahi da, ulertu badezake kolapsoa datorkiola, egin ote dezake ezer hori saihesteko?
Historialari erromatarren testu ugari dauzkagu, baina inork ez zuen, antza, ulertu zer zihoan gertatzera. Garaiko historialariak nagusiki kronikariak ziren, gertakizunak kontatzen zituzten. Beraz, interesgarria dirudi historialari ez ziren jendeen idatziei begiratzea, Erromatar Inperioaren kolapsoa bizi zutenenei.
Marcus Aurelius enperadorearekin hasiko naiz. Kristo ondorengo 120-180 urteetan bizi izan zen. Bera izan zen inperio sendo bat eduki zuen azken enperadorea. Bere bizitzaren gehiena pasa zuen inperioa osorik atxikitzeko borrokan, barbaroen kontra. Marcus Aurelius agertzen da "Gladiator" filmaren lehen irudietan. Inbasoreen kontrako borrokan hil zen.
Marcus Aureliusek lortu zuen barbaroak arrastoan edukitzea, baina bera hil eta hamarkada gutxira inperioa kolapsatu zen, historialariek "hirugarren mendeko krisia" deitu dutenean. Inperioak lortu zuen bizirautea mende pare bat gehiagoz, baina jada ez zen gauza bera, aski zuen bizirautearekin ahal bezala, borrokatuz barbaroen, izurriteen, goseteen, jauntxoen eta bata bestearen ondotik iristen ziren hondamendien artean. Beranduago inperioa izaki politiko moduan desagertu egin zen, V. mendean, Mendebaldean bederen.
Marcus Aurelius "Enperadore filosofo" hark bere burutazioak utzi zizkigun Gogoetak [jatorrizko grekeraz Ta eis heauton] liburuan, honelako pasarteekin:
"Biziko bazina ere hiru mila urtez, edo baita hamar mila urtez ere, gogoan eduki ezazu gizonak ez duela galtzen orain bizi duen bizia baizik, ez duela bizitzen orain gaitzen duen bizia baizik".
Gogoetak idatzi duen gizona ari da ikusten bere mundua gainbehera erortzen eta ahalegintzen da halako oreka pertsonal bat mantentzen, jarrera moral bat. Aureliusek seguru ulertu zuela zerbait zebilela oker inperioan. Erromatarrak beti erasoan arituak ziren eta orain beren buruak defenditzen zebiltzan. Baina Gogoetak-en ez duzue inoiz irakurriko barbaroak borrokatzetik haragoko ezer egin beharraz, edo aldaketa sozialak, edo ekonomiaren martxa desastrosoa aldatzekoak. Itxuraz, berak ez zuen pentsatzen inperioa gaur ez bada bihar erori zitekenik.
Orain aipatu nahi nizueke Erromatar Inperioko beste dokumentu bat, De Reditu suo [Haren itzulera, euskaraz], Rutilius Namatianus batek idatzia. Bostgarren mende hasieran bizi izan zen Namatianus patrizioa. Karguren bat zeukan Erroman Inperioaren administrazioan, Mendebaldeko Erromatar Inperioa 'ofizialki' suntsitu (476. urtean) baino hamarkada batzuk lehenago. Bere liburuarekin ere film bat egina dute Italian, De Reditu – Il Ritorno.
Namatianus ohartu zen Erroman bizitzen jarraitzea ez zela posible. Dena gainbehera zetorren bere inguruan, horregatik itsasontzi bat hartu eta alde egin zuen bere sorterri Galiara, gaur Frantzia deitzen dugunera. Bidaiaren azalpen beldurgarria eskaintzen digu:
"Itsasoz itzultzea hautatu dut, lehorreko bideak daudelako edo urak hartuak edo harriz beteak. Toskanatik Via Aurelia errepidetik abiatuta, Godoek suz edo ezpataz eraso ostean ez denez etxerik basoak kontrolatzeko eta ez zubirik ibaiak zeharkatzeko, handik abenturatzea baino nahiago izan dut itsasoz joatea".
Sinesgaitza dirudi. Erromatarrak beti egon ziren harro beren errepideez. Erromatar inperiorik ezin da izan errepiderik gabe. Namatianusek aipatzen dizkigu Italiako kostan barrena iparraldera jo ahala ikusten dituen lokatzak hartutako portuak, jendeak ihes egindako hiriak, aurriz betetako paisaiak.
Ikusten du kolapsoa bere inguruan, baina ezin du ulertu. Buruhauste pasakor bat izan behar du, lehen ere Erromak bizi izan zituen garai latzak baina beti berpiztu zen eta etsaien gainetik garaitu zuen. Beti horrela izan da, Erroma berriro indartsu eta aberats izanen da.
Agiri gehiago ekar nitzake horrelakoak, baina horiekin aski da esateko erromatarrek ez zutela ulertu zer ari zitzaion gertatzen beren inperioari. Badirudi uste dutela makalaldiak konpondu ahalko direla armada handiagotuz edo harresi handiagoak eraikiz. Honek erakusten digu kolapsoa nola bizitzen den 'barnetik'. Jende gehienak ez du ikusten gertatzen ari denik, arrainari gertatzen zaion bezala: ezin duzu ura ikusi.
Ugo Bardi irakaslea 'Extracted' liburua aurkezten.
Zerk suntsitu zuen Erromatar Inperioa
Dokumentu eta datu asko galdu ditugun arren, informazio asko daukagu inperio horretaz, kolapsatu eta desagertu diren antzinako beste inperioez baino askoz gehiago. Baina ez gara ados jartzen kolapsoaren arrazoietan.
Edward Gibbonek Decline and Fall of the Roman Empire famatuan aipatzen du kristautasunak eragin ezkorra eduki zuela, antzinako erromatarren bertute nobleak usteldu zituztela Ekialdetik iritsitako fanatiko haiek eta barbaroei aurre egiteko ahalmena galarazi zietela. Ziurrenik ados egongo zarete esaten badut mugatu samarra dirudiela esplikazio horrek, beranduago etorritako autoreenak bezala, Splenger eta Toynbee esaterako.
Nire ustean Erromaren gainbeheraren interpretazio orijinala Joseph Tainterrek ematen du 1990an plazaratu zuen The Collapse of Complex Societies liburuan. Kolapsoei buruzko informazio benetan aberatsa ematen du, erromatarrenaz baina baita beste askorenaz ere.
Gizarteak, dio Tainterrek, izaki konplexuak dira eta horregatik beren kolapsoa lotu behar zaio konplexutasunari. Blind Spot [2008, Puntu Itsua] dokumentalean galdekaturik esan zuenak laburbiltzen du Tainterren pentsakera:
"Aztertu ditudan antzinako gizarteetan, Erromatar Inperioan esaterako, arazo nagusia izan zuten soilik status quoari eusteko kostu handiei egin behar zietela aurre. Kopuru oso handiak inbertitu behar, dagoenekoz etekin positibo garbirik ematen ez zuten baina lehendik zeukatenari eustea bazik baimentzen ez zieten arazoak konpontzeko. Honek murrizten du gizarte konplexu izatearen etekina".
Kontua da Erromatar Inperioa sartu zela konplexutasun galera katastrofiko batean hirugarren mendean. Hori zen benetako kolapsoa. Baina aipatu ditzagun kolapsoaz jendeak ematen dituen arrazoi ugariak. Behin eta berriro azaltzen dira kolapsoa esplikatzeko kausa bakarrak, bada jendea horiez maitemindua: "Nik daukat soluzioa, hau da eta ez besterik".
Esan izan da Erromatar Inperioa suntsitu zela erromatarrek ardoa berunezko basoetan edaten zutelako, horrek pozoiturik hilarazi zituela. Egiatik badu zerbait, antzinako erromatarren hezurduretan aurkitzen dira berunez pozoitu izanaren arrastoak. Ziurrenik bazen hor arazo bat, agian larria, baina ezin duzu hori isolaturik planteatu. Pentsa etorkizuneko historia batek esaten duela AEBen inperioa suntsitu zela amerikarrek hamburgerrak jaten zituztelako.
Antzera gertatzen da beste kausa bakarrekin, klimaren aldaketarekin esaterako. Frogek erakusten dute Erromatar Inperioaren eroria lehorteekin batera egokitu zela. Seguru arazoa izan zirela erromatarrentzako. Baina esan ahal izango du etorkizuneko historiak AEBen inperioa Katrina urakanak ekarri zuela?
Izaki konplexu batek era konplexuan erori behar du. Gizarteek beti klase askotako krisi eta desafioei egin behar diete aurre. Hauentzako erantzuna izan ohi da egiturak antolatzea, esaterako burokratiko edo militarrak. Krisi bat konpontzen duen aldi bakoitzean, gizartea aurkitzen da konplexutasunezko geruza berri batez hornitua. Orduan, konplexutasuna handitu ahala murrizten hasten da konplexutasun extra bakoitzaren etekina, Tainterrek 'konplexutasunaren onura marjinala' deitzen duena.
Gertatzen da konplexutasunak koste bat daukalako: sistema konplexuei eustea energia kostatzen da. Konplexutasuna handiagotuz zoazen heinean, etekina negatibo bilakatzen da, konplexutasunaren kosteak gainditzen du etekina. Une jakin batean, egitura konplexuen zama hain da handia ezen eta gizarte osoa amiltzen baita, hori da kolapsoa.
Gizarteak egokitu egiten zaizkie aldaketei. Sistema konplexuen ezaugarrietako bat da egokitzea aldatzen ari diren kanpoko baldintzei. "Homeostasia" deitzen zaio sistema bat konplexua dela (eta ez soilik konplikatua) definitzen duen ezaugarri honi. Sistema konplexuekin ari zarenean lanean, ez duzu pentsatzen "kausa eta eragina" terminoetan baizik eta "forcing and feedback" terminoetan. "Forcing" da sistemari kanpotik datorkion zerbait. "Feed-back", sistemaren erantzuna kanpoko presioari, nolabaiteko homeostasi bat dakarkiona.
Homeostasia oinarrizko kontzeptua da sistemen dinamiketan. Zerbaitek eragiten du beste zerbaitengan, baina azken honek ere erreakzionatzen du. Hori da feed-backa. Izan daiteke positiboa (reinforcing) edo negatiboa (damping, amortiguatzea) eta aipatzen ditugu feed-back zirkuituak, gehienetan sistemak egonkortzen dituztenak, muga batzuen barnean noski.
Homeostasia ondo ulertu behar da. Ez da orekaren (equilibrium) gauza bera termodinamikan definitzen den moduan. Konparazio batera, gizakia sistema konplexu bat da. Bizirik zaudenean, homeostasian zaude. Aldiz, orekan baldin bazaude esan nahi du hilda zaudela. Homeostasia da indarren oreka dinamikoa.
Bestalde, homeostasiak ez dauka fisikaren printzipioekin kontrajartzerik. Pentsa igerian ari zarela itsasoan. Fisikak dio flotatzea badaukazula, baina zenbait energia xahutu beharra daukazu ur azaletik burua ateratzeko homeostasi baldintzak mantentzeko. Pentsa ezazu, orain, zangoa zerbait zamatsurekin kateatu zaizula. Orduan fisikak dio hondoratu egingo zarela. Baina energia gehiago xahutu dezakezu, gogorrago egin igeri eta horrela mantendu burua ur azalaren gainetik: berriro homeostasian. Baina ezer aldatzen ez bada, une bateran energia ahituko zaizu, nekatuko zara eta ezingo diozu homeostasiari atxiki. Une horretan fisika nagusituko eta hondoratu egingo zara, ito. Denbora batean eutsi diezaiokete homeostasiari, horretan xahutu beharreko baliabideak dauzkaten bitartean.
Kolapsoaren eredu dinamikoak
Konplexutasunaren inguruan ari garenez, Tainterren eredua erkatu dezakegu beste eredu batzuekin. Zuzenean jo dezakegu teoria guztien ama den 1972ko Hazkundearen Mugak azterketara. [The Limits to Growth Erromako Klubaren enkarguz eta Volkswagen Fundazioak ordainduta egin zuten Donella H. Meadows, Dennis L. Meadows, Jorgen Randers eta William Behrensek. "World3" eredua erabiliz simulatu zituzten Lurraren eta sistema humanoen arteko interakzioak eta ondorioak].
Hazkundearen Mugak-en egileek gaur egungo mundua deskribatu nahi izan zuten, baina haiek erabilitako eredua oso orokorra da eta behar bada aplikatu diezaiokegu Erromatar Inperioari. Nola funtzionatzen duen ulertzeko, erakutsiko dizuet ereduaren irudi grafiko hau:
Hor dauzkazue: populazioa, nekazaritza, baliabide naturalak, kutsadura eta kapitala. Bost osagai dauzka ereduak, bakoitzaren esanahia intuitiboki ulertzen du. Garrantzitsuena da osagai horien arteko feed-back harremana. Behar bada feed-back-loturarik garrantzizkoena dago kapitalaren eta baliabideren artean. Honela deskribatzen dute Hazkundearen Mugak ikerlanean:
"Kapital industrialaren stocka hazten da maila bateraino ezen eta baliabideen input izugarri handia behar baitu. Hazkundearen prozesuan eskuragai diren baliabideetatik asko agortzen ditu. Baliabideen prezioak igo eta meategiak ahitu ahala, gero eta kapital gehiago erabili behar da baliabideak eskuratzeko, etorkizuneko hazkundean erabiltzeko gutxiago utziaz. Azkenerako inbertsioak ezin du jarraitu depreziazioaren erritmoa eta industriaren oinarria gainbehera dator [collapses], berekin herrestan eramanez zerbitzuen eta nekazaritzaren sistemak, industriatiko inputen menpe geratu direlako".
Myrtveiten irudiekin jolas egin dezakezue eta hori alderatu Tainterrek gizarteez esandakoarekin. Tainterrek zioen krisi bat sortuz gero gizartea saiatuko dela hori gainditzen. Eskematik abiatuta, ikusi dezakezue zer gertatzen den denbora aurrera doan eta jendeek kolapsoa saihesten saiatu ahala.
Pentsa dezagun kutsadura arazo larria bilakatu dela. Tximiniek isuritako ke handiek jendeak hiltzen dituela; orduan gizarteak zenbait kapital ipiniko du keak murrizteko. Esaterako, filtroak ezarriko dizkie tximiniei. Baina filtroak egiteko energia eta natur baliabideak behar dira, eta horrek presio gehiago sortuko du natur baliabideen gain. Honek presio egingo du kapitalean, eta ondorioz poluzioa borrokatzeak kolapsoaren abiadura handitu dezake baina ez borrokatzeak ere kolapsoa ekar dezake, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik: kutsadurak jendea hiltzen du eta honek eragiten du kapitala nekezago ugaltzea, eta abar. Horrela funtzionatzen du ereduak.
Beste adibide bat. Suposatu dezagun populazioa hazten dela denentzako aski janari ez egoteraino. Erantzun gisa, gizarteak bere natur baliabide batzuk erabiliko ditu ongarriak ekoizteko, laborantzaren emankortasuna handitzeko. Honek, ordea, ekarriko du populazioa are gehiago handitzea, populazioaren gainean presio eginez eta kutsadura handituz; eta honek presio berri bat ekarriko die kapitalari eta baliabideei, eta abar. Muga batzuen barruan, gizartea beti egokitu daiteke modu horretan, hori da lehen aipatu dugun homeostasia. Baina soilik muga batzuen barruan.
Modu ezberdinetan jolastu zaitezke joko honetan. Magne Myrtveiten bost osagaizko irudia tresna ona da sentitzeko nola erreakzionatzen duen gizarteak kanpoko esku hartzeen aurrean eta nola doan aldatuz baliabide naturalak agortu ahala. Baliabide horiek ez-berriztagarriak direnean, gure mineralekin gertatzen den moduan, sortu eta atxiki daitekeen kapital kopurua gutxitu egingo da. Hau da kolapsoen arrazoi posibleetako bat, ziurrenik ohikoena. Baina nola gertatuko den ulertzeko, eredua ordenagailuan erabili behar duzu eta zer ematen dizun ikusi. Hona Hazkundearen Mugak-en 2004ko edizioaren emaitza (orrialdeko grafikoan).
Agertokiaren parametroak asko hurbiltzen zaizkio gaur egungo egoerari. Kolapsoa gertatzen ikus dezakezu, industriaren eta nekazaritzaren produkzioa hondoratzen ikusten dituzunean. Industriaren eta nekazaritzaren sistema blokatuta gelditzen denean, bere konplexutasuna gainbehera dator (eta populazioa ere bai, noski). Beraz, nolabait esateko, Limits to Growth informearen eredua bateragarria da Tainterren ereduarekin.
Jendea oso ona da ustiapena optimizatzen. Arazoa da esajeratu egiten duela eta sistematik hartzen duela sistemak berak ordezkatu dezakeena baino gehiago. Hori da kurbaren funtsa. Lehenik goraka zoaz baliabidea ustiatzen hain ona zarelako; gero beheraka zoaz gehiegi ustiatu duzulako. Erdian bada gailur bat: horra "peak resource", baliabidearen gailurra. Petrolioaren kasuan, jendeak "peak oil" aipatzen du. Zibilizazioa osotasunean harturik "peak civilisation" esan beharko genuke, zibilizazioaren gailurra.
Eta esan dugunez, zibilizazioaren gailurra da konplexutasunaren gailurra ("peak complexity"), Tainterrek deskribatu moduan.
Kolapsoa ez da saihestezina. Gizartea urrunegi joan eta gero kolapsatu egiten da, baina kolapsoak denbora ematen dio larregi ustiatutako baliabideari aldatzeko, eta hazkundea hasi daiteke berriro aldi baten buruan. Baina hori gertatzen da baliabidea berriztagarria denean. Ez baldin bada, petrolioa edo uranioa ez diren moduan, behin xahutuz gero, gehiago ez da. Kasu honetan kolapsoak ez dauka atzera bueltarik.
Era berean, gizakiari dagokionez, gizarte bat kolapsotik berreskuratu daitekeen arren pertsona baten bizia baino luzeagoko joko du. Beraz, guri dagokigunez, kolapsoak atzera bueltarik ez du harrapatzen baldin bagaitu, eta hori, dudarik gabe, ez zaigu batere gustuko.
Erromatar Inperioaren gainbeheraren dinamika
Erromatar Inperioa oinarritzen zen nagusiki bi baliabidetan: armada eta nekazaritza. Legionarioaren irudia ipini diot "kapital baliabideak" atalari, legioak zirelako Erromaren kapitala, kapital militarrak. Hau eraikita zegoen baliabide natural baten gainean: urrea. Legioek ez zuten urrea lurpetik ateratzen, hori aurrez lurpetik aterata (edo meatzariari ostuta) zuten jendeari hartzen zioten.
Tainterrek ondo azaldu du abentura militarrek funtsezko garrantzia eduki zutela inperioa zabaltzeko. Inperioak garaitzen zuen inguruko erresuma bat, hari urrea ostu eta biztanleen parte bat kendu esklabotzarako. Urrearekin legio gehiago ordaintzen zituen eta honela eremu berriak konkistatzen. Feedback positibo bat zegoen horretan: zenbat eta legio gehiago eduki, orduan eta urre gehiago lapurtu; zenbat eta urre gehiago eduki, orduan eta legio gehiago sortu. Eta abar.
Erromatarren asmakizunetako bat da urrea legio eta legioak urre bihurtzeko ahalmena. Oraindik "soldadu" (soldier, soldat, soldado…) esaten dugu, latinez "soldatadun" esan nahi duena.
Baina konkistek aurrera egin ahala, erromatarrak laster aurkitu ziren erraz konkistatzeko lurrik gabe. Arazoa zen Energiaren Itzulkin-Tasa, ingelesez EROEI Energy Return on Energy Invested esaten dena; kasu honetan litzateke GROGI (Gold Return On Gold Invested). Lehen mendeko konkisten ondoren gauzak zaildu egin ziren. Lurralde berriak konkistatzetik eskuratutako energi etekina jaitsi egin zen. Ipar-Ekialdean Germaniarrak pobreegiak ziren, eta gainera guduzaleak. Haiek konkistatzeak, zaila izateaz gain, ez zuen etekinik uzten. Ekialdean Partiarrak oso aberatsak ziren, baina militarki indartsuak. Gero, mendebalderago Atlantiar itsasoa zegoen, Iparraldea hotzegia zen, hegoaldea lehorregia. Feed-back negatiboa, ikusten?
Legioek ez ekartzean urre gehiago, urrea desagertu zen Inperiotik, zenbait arrazoirengatik. Batetik luxuzko gauzak atzerritik erosteko, Inperioak ez zituelako manufakturatzen, zeta esaterako. Bestetik, barbaroen buruzagiei pagatu behar zitzaielako Inperioa inbaditu edo borrokatu ez zezaten. Urrea zen Erromatar Inperioarentzako guretzako dena "urre beltza", petrolioa. Garai oparoetan beren konkistetatik legioek ekarri zuten gastatutakoa baino urre gehiago, baina denborarekin balantzea negatibo bilakatu zen.
Eta gero zegoen nekazaritza. Honek ere eman ditzake feedback positiboak eta negatiboak, eskeman ikus daitekeenez. Nekazaritza onarekin populazioa handitu egiten da, eta ondorioz nekazari gehiago dauzkazu. Erromatar Inperioaren kasuan, populazioa handitu ahala legio gehiago eduki zitzaketen itzultzean esklaboak ekartzen zituztenak soroetan lan egin arazteko. Baina feedback negatiboa ere badauka nekazaritzak eta da erosioa, higadura.
Higadura jarri dezakegu eskeman kutsadura ("pollution") dagoen lekuan. Nekazaritzari kalterako eragiten dio. Populazioa gutxi arazten du eta dena bihurtzen okerragora. Zenbat eta gehiago behartu nekazaritza populazio handiagoa (tartean legioak) elikatzeko, orduan eta gehiago bortxatzen duzu zoru emankorra. Hau ez da baliabide berriztagarria; mendeak behar da zoru emankorra berregiteko, behin galduz gero. Higadurak hondatzen dizu nekazaritza, populazioa gutxitzen zaizu, legioak ere gutxiago dauzkazu eta azkenean… barbaroek inbaditzen zaituzte.
Baliabideen gehiegizko ustiatzea
Dauzkagun datuetatik ulertu dezakegu Erromatar Inperioa zergatik zebilen larri. Bere armada handia, legioez osatua, pagatu beharra zegoen eta militarrek ez zuten etekinik sortzen. Urre-hemorragia baten hasiera zen, eten ezin izan zena. Gainera, Inperioak odol gehiago galtzen zuen mugak zaindu eta kudeatzeko gotorleku sistema zabal oso garesti bat eraiki beharragatik.
Gotorlekuen kontuak azaltzen du sistema konplexu bati gertatzen zaiona homeostasiari eutsi nahi dionean. Legioak garestiegiak zirenez mugak zaintzeko –legio gehiegi beharko ziren– hesiak eraikitzen hasi ziren. Esklaboek eraikiko zizuzten, eta esklaboa merkeagoa zen legionarioa baino. Baina esklaboak ez ziren onak borrokarako. Ezagutuko duzue Spartacusen historia, esklaboen matxinadaren liderra izan zenarena: erromatarrek ez zuten berriro gertatzerik nahiko. Hesietarako esklaboak erabili dituzte, legionario gutxiago behar delako gotorlekua zaintzeko muga zelai zabalean defenditzeko baino. Dirua aurreztu, horra homeostasi ahalegin bat.
Baina hala ere erromatarrek gizonak, legionarioak, behar zituzten hesi guztietan jartzeko eta horiek izugarri garestiak ziren. Inperioak bere burua zerratu zuen kaiola batean eta sekula ez zuen eskapo egiterik lortu. Feed-back negatiboak hil egiten du.
Gastu militarrak ez dira izan erorketaren kausa bakarra. Ikusirik higadurak nekazaritza lurrak hondatzen zituela eta meategien produktibitatea gainbeheran ari zela, ez genuke harritu behar inperioa hondoa jotzen ikusita. Ezin zen bestela gertatu. Erromatar Inperioaren hondorazea izan da elkar indartu duten faktore negatibo ezberdinez osatutako fenomeno konplexua. Feed-back negatiboak bata bestearen ondotik, horiek hondoratu zuten Inperioa. Horrek erakusten du zein hurbil gauden erromatarrengandik.
Dudarik gabe ezberdintasunak badira: gure gizartea gehiago da meatzaritzari lotua eta gutxiago armadetan oinarritua. Guk ez ditugu esklaboak erabiltzen baina makinak. Baditugu traste mordoa erromatarrek ez zeuzkatenak. Baina, azken finean, gure ekonomiako osagai ezberdinen arteko interakzioak ez dira hain ezberdinak.
Erromatarrak hondoratu zituenak hondoratuko gaitu gu ere: baliabideen gehiegizko ustiatzeak. Erromatarrek aurkitu balute modua beren baliabideak, nekazaritza adibidez, suntsitu gabe erabiltzeko, adibidez erosioa saihesteko, beren gizarteak denbora luzeagoz iraungo zuen. Baina sekula ez zuten aurkitu oreka puntua, eta hondoratu ziren zeukatenetik gehiegi usatzen jarraituz.
Kolapsoa saihestu
Pentsa dezagun norbaitek gauzak oso garbi zeuzkala Marcus Aureliusen garaian. Imaginatu Britainia Handiko Druida bat, Merlinen arbasoa, gertatzen ari zenaz ohartzeko bezain bizkorra, Inperioaren ezinegona feed-back negatiboek eragiten zutela, armadaren eta burokraziaren kosteengatik, lurzoru emankorraren gehiegizko ustiapenagatik eta Erromak konkistatzeko moduko jopuntu errazak agortu zituelako.
Merlinek Arturo erregearekin egin zuen bezala, druidak usteko zuen enperadoreari kontatu behar ziola Erromara joanik. Askotan pentsatu dut zer esango niokeen haren lekuan egonda.
Esate baterako, urrea urritu denez, zergatik ez esan Ameriketara espedizio bat antolatzeko? Horixe egin zuen Colonek mila urte eta piko geroago eta Espainiak horren gainean eraiki zuen inperioa. Baina erromatarrek ez zeukaten teknologia egokia ozeanoa zeharkatzeko eta hura garatzeko baliabideak agortuak zituzten. Europan geratu beharra zeukaten, okupatzen zuten guneko mugen barruan konpondu. Beraz, Britainiatik joandako Druidaren antzera zuk ere ezin diozu aholku bakarra baizik eman enperadoreari: itzuli behar duzu Inperioaren ekonomikak sostengatu ahal izango dituen mugen barrura.
Beraz, gizon jakintsutzat daukazun fama dela eta Enperadoreak hartzen zaitu bere jauregian eta zuk azaldukodiozu aurkitu duzuna:
- "Enperadore, inperioa kondenatuta dago. Ez baduzu zerbait egiten oraintxe, hamarkada gutxi barru hondoratuko da".
Zur eta lur dago Enperadorea, baina pazientzia handiko gizona da. Filosofoa, azken finean. Ez du aginduko zuri lepoa moztea, beste enperadoreek egingo zuten moduan, eta galdetu dizu: "Baina zergatik diozu hori, druida jakintsua?".
Eta zuk: "Begira, diru gehiegi xahutzen duzu legio eta gotorlekutan. Mendetako konkistetan pilatutako urrea desagertzen ari zaizu eta ezin duzu pagatu mugak defenditzeko adina legionario. Gainera, presio handiegia dagiozu nekazaritzari, lurzorua higatu eta galtzen ari da. Laster ez da izango aski janari erromatarrentzako. Bukatzeko, herria itotzen ari zara burokrazia handiegi eta garestiegi batekin".
Enperadoreari berriro bururatu zaio zuri zintzurra moztea, baina ez du aginduko, zorte handia duzu enperadore filosofo batekin topo egin izanarekin. Eta galdetu dizu: "Egiaren bat egon daiteke diozun horretan, baina zer egin beharko nuke, druida jakintsu?".
- "Lehenik zuhaitzak landatuk, lurrak deskantsua behar du. Denborarekin zuhaitzek lurra emankor bilakatuko dute".
- "Baina –Enperadoreak– zuhaitzak landatuz gero jendearentzako ez da aski janari egongo".
- "Inork ez du goserik pasako baldin eta patrizioek uko egiten badiete beren luxuei".
- "Bueno, Druida jauna, ulertzen dut zure ikuspegia baina ez da erraza izango…".
- "Eta zure legio ugariak murriztu behar dituzu eta harresiak abandonatu".
- "Baina, baina… Druida… hori eginez gero barbaroek inbadituko gaituzte…".
- "Hobe orian gero baino. Orain badaukazu hiriak defenditzeko adina tropa. Beranduago ezinezkoa izango da. Defentsa iraunkorra egin".
- "Iraunkorra?".
- "Bai, esan nahi du pagatu dezakezun defentsa. Legioak bihurtu behar dituzu hiriko milizia eta… ".
- "Eta…?".
- "Gutxiago gastatu behar duzu burokrazia inperialean. Inperioaren zergak altuegiak dira! Jendearekin batean egin behar duzu lan, ez jendea zanpatu! Zuhaitzak landatu, armada murriztu, elkarrekin lan egin!".
Oraingoan Marcus Aureliusek seriotan aztertu du ez ote litzatekeen egokia zuri lepoa moztea. Baina gizon ona denez, berriro Britainiara bidali zaitu eskolta militar gogorrez zainduta, zu berriro Erromara itzuli ez zaitezen agindu zorrotzak emanik.
Sekula gertatu ez den pasadizo honek antza handia dauka "The Limitis to Growth" en egileei, druida moderno haiei, gertatu zitzaienarekin. Ahalegindu ziren beren garaian munduaren agintari zirenei esaten zerbait antzekoa. "The Limits tho Growth" en egileei ez zieten zintzurrik moztu, baina nolabait esateko "akademikoki dekapitatu" zituzten. Erabat baztertu. Ez bakarrik baztertu, irrigarri utzi zituzten, iseka egin zitzaien. Ez da erraza druida izatea.
Horra gure garaion eta Erromaren artekoen beste antzekotasun bat. Bizi dugu "arrainak uretan" bizi duen patua, ez dugu ulertzen urez inguratuta gaudela. Eta ez dugu entzun nahi ura esistitzen denik.
Erromatar Inperioak egin zuen bide beretik goaz alai aski. Gure liderrak ez dira gai ulertzeko sistema konplexuak eta jarraitzen dute ezartzen arazoa okerragotzen duten soluzioak. Druida jakintsua Marcus Aureliusi adierazten saiatu zen moduan, barbaroak kanpoan uzteko harresiak eraikitzea alferrikakoa izateaz gain baliabide galera handia zen. Imajinatu ditzakegu garai hartako politikariak esanez "Atxiki ditzagun barbaroak kanpoan! Eraiki hesi gehiago inperioa defenditzeko!". Gaur berdin gertatzen zaigu. Esaiozu politikari bati arazoak ditugula petrolioarekin eta erantzungo dizu "zulatu sakonago!" edo " drill, baby, drill! ". Feed-back negatiboak hil egiten du.
Trantsizio kontrolatua
Baina bada gehiago. Druidak esan zion Aureliusi "zuhaitzak landatu, armada murriztu, elkarlanean aritu". Pentsatu duzue zer ari zitzaion proposatzen? Mundu bat osatua milizia urbanoek defenditutako hiriz, aginte zentralik ez edo oso ahula, nekazaritzan oinarritutako ekonomia. Ohartuak izango zarete: Erdi Aroa da! Ondo pentsatuz gero, Erdi Aroa izan da Erromatar Inperioaren arazoentzako soluzioa. Inperioa hartara zihoan eta ezin izan zuen ebitatu. Druidak proposatzen zuena zen horretara joatea baina era kontrolatu batean. Trantsizioa erraztu, ez haren kontra borrokatu! Baldin badakizu nora zoazen, bidaia egin dezakezu estiloz eta erosotasunez. Ez baldin badakizu… bidaia gogorra izango da.
"Trantsizio kontrolatu" bat egin izan balu Erromako Inperioak Marcus Aureliusen garaian, justu hori egingo zuen: harresiak abandonatu, legio kopurua muriztu eta milizia urbano bihurtu, burokrazia eta Inperioaren gastuak urritu, autoritatea deszentralizatu, nekazaritzaren gaineko presioa gutxitu: basoak landatu. Trantsizioa ez zen traumatikoa izango eta konplexutasun galera txikiagoa eragingo zuen: liburuak, jakintzak, arte-lanak eta asko gehiago salbatu ahal izango zen ondoko belaunaldien esku uzteko.
Baina hau ez da ameskeria baizik, prefosta. Erromako enperadore bati ere legioak desegitea ez zitzaion erraza gertatuko. Enperadorea komandante militarra zen eta Imperator izateko legioen gogoko izan beharra zegoen. Legioak suntsitu nahiko zituen Enperadore bat ez zen oso popularra izango eta seguruenik bizi laburra edukiko zuen. Beraz, sistemen dinamikak ulertu balitu ere, ezin izango zuen gauza handirik egin. Egia esan, bizi osoan saiatu zen armada sendotzen, ahalik eta legio gehien edukiz.
Enperadoreek eta Erromatarren munduak oro har gogor egin zuen borroka status quo ante delakoa atxikitzeko, alegia, gauzak beti egon diren moduan. III. Mendeko krisiaren ostean, Diocletianus enperadoreak Inperioa berpiztu zuen hau bilakatuz Brezneven garaiko Sobiet Batasuna gogorarazten digun zerbaiten antzeko. Diktadura zanpatzaile bat bere baitan zekartzana burokrazia itogarria, zerga handiak herritarrentzako eta egitura militar zamatsua. Inperioari hori guztia zama latza gertatu zitzaon eta mende baten buruan hondoratzera eraman zuen.
Gaurko Druidak izan daitezke hobeak Erromatarren garaikoak baino, ordenagailu digitalak bederen badauzkate. Baina gure liderrak ez daude Erromatarren garaikoak baino hobeto egokituak ulertzeko sistema konplexuak. Baina buruzagi hobeak bagenitu ere, arazo berdinei egin beharko liekete aurre: ez dago egiturarik gizartea eroso eramateko joaten ari den lekura. Dauzkagun egitura bakarrak dira gai gizartea edukitzeko dagoen moduan, axola gabe zein zaila eta deserosoa izango den hor jarraitzea. Horixe da Tainterrek dioena: arazoei aurre egiteko gure modua da egitura gero eta konplexuagoak eraikitzea, horrela azkenean etekin negatiboak eraginez. Horra zergatik hondoratzen diren gizarteak.
Gure ahalegin guztiak dira status quo ante horri eusteko. Horregatik ari gara desesperatuki bilaka zerbait petrolioa ordezkatuko duena eta gauza guztiak gaur diren bezala mantenduko dituena. Izan behar du zerbait likidoa, erregarria eta, ahal bada, kiratsa duena. Zulatu gehiago, zulatu sakonago, egosi hondar alkitrandunak, egin bio-erregaiak jendeak gosea pasatu behar badu ere. Edozer, denak berdin jarraitzekotan.
Baina jarraitzen dugu fisikaren legeek garamatzaten norabait: petrolio gutxiagoko, edo batere petroliorik gabeko, mundu bat ezingo da izan ohituta gauden munduaren berdina. Ez da preziso Erdi Arora itzultzea. Lortzen baldin badugu energia iturri berriak zabaltzea –berriztagarriak edo nuklearra– petrolioa eta beste erregai fosilak garaiz ordezkatzeko, kalkulatu dezakegu trantsizioak ez lukeela ekarriko konplexutasun galera handi bat, menturaz batere galerarik ez. Baina probableena da bestea, energia eta baliabide naturalen emaria urritzean sistema ekonomikoan horrek eragingo duela The Limits to Growth-eko simulazioetan erakutsitakoa bezalako kolapsoa. Ezin dugu saihestu joatea fisikaren legeek garamatzaten lekura.
Azken hitza: une erabakigarria Teutoburgen
Duela bi mila urte Erromaren hiru legio suntsitu zituzten erromatarrek "Germania" deitutako tribuek elkarturik Teutoburgeko oihanetan. Hainbeste urteren buruan eskualde horretako basoak leku baketsuak dira, argazkietan ageri denez.
Nekez irudikatu dezakegu zer izango ziren bataila hartako hiru egunak. Germaniarrek ezustean harrapatu zituzten legioak, hauek desesperatuta ahalegindu ziren erretiradan, euri handiak eta haize gogorrak ziren basoetan, legioek ez zuten lortu lerroak osatu eta entrenatuta zeuden moduan borrokatzerik. Banan bana gehienak hil zituzten; Varus generalak bere burua hil zuen. Germaniarrek gorpuak usteltzen utzi zituzten oihanean, guduaren oroigarri sakratuak bailiran. Are desgrazia handiagoa, legioek beren estandarte sakratuak galdu zituzten. Hain handia izan zen hondamendia ezen eta legendak zioen Augustus enperadorea gauero paraje haietatik ibiltzen zela ohika "Varus, itzul'izkidak nire legioak!".
Une batez ekarri ditzakegu gogora gizon horiek, germaniarrak eta erromatarrak, hain kartsuki gudukatu eta hil zirenak. Ikusi ditzakegu antzekotasun handiak gure munduaren eta Erromakoaren artean, gizon haiek sentitzen zutena sentitu genezake guk ere. Zergatik borrokatu ziren, zergatik hil? Haietako askok, gerra egiteagatik pagatzen zituztelako. Beste batzuk komandanteak edo buruzagiak hala agindu zielako. Baina, ziur nago, kopuru eder batek usteko zutela borrokan ari zirela Erromatar Inperioa zen kontzeptu abstraktuaren alde (edo kontra). Batzuek sentituko zuten guduka ari zirela zibilizazioa defenditzearren barbaroen kontra, besteek berriz beren lurra defenditzen etsai inbaditzailearen kontra.
Bi mila urte beranduago ohartzen gara zein alferrikakoa izan zen borrokaldi hura euriak putzu bilakatutako oihanean. Urte gutxi beranduago, Germanicus jeneral erromatarra, Tiberius enperadorearen iloba, itzuli zen Teutoburgera berekin eramanez gutxienez zortzi legio. Germaniarrak garaitu zituzten, aurretik eroritako legioen estandarteak berreskuratu zituzten eta lurra eman hildako soldadu erromatarrei. Varus menderatu zuen Arminius lider germaniarrak bere izen ona galdu zuen eta laster bere jendeek hil zuten. Baina horrek ez zuen deus kanbiatu.
Erromatar Inperioak bere baliabideak agortuak zituen eta ezin zuen beste inora zabaldu. Germanicusek ezin izan zuen Germania konkistatu, Varusek bere legioak hildakoen erresumatik itzularazi ezin izan zituen gisa berean.
Zibilizazio eta inperioak, azken finean, ez dira uhinak baizik denbora den ozeanoan. Badatoz eta badoaz, arrasto gutxi utzita salbu eta beren handitasun eternoa aldarrikatzen duten harri landuak. Baina gizakiaren ikuspuntutik, inperioek luze zabal irauten dute eta, gutako batzuentzako, merezi du haien alde edo kontra borroka egitea. Baina Teutoburgen borrokatu zirenek ez zuten historiaren ildoa aldatu, geuk ezin dugun bezala. Esan dezakegun bakarra da –orduan bezala orain– bagoazela etorkizuneko mundu batera zeinari ezin baitiogu itxura lauso bat baino nabaritu. Garbiki ikusiko bagenu nora goazen, agian ez genuke nahiko harantz joaterik; baina dena dela, bagoaz. Azkenean, menturaz Marcus Aurelius izan zen etorkizuna klaruen ikusi zuena:
"Dena gobernatzen duen naturak laster aldatuko ditu ikusten dituzun gauza guztiak, eta substantzia beretik gauza ezberdinak egingo ditu, eta hauen sustantziatik berriro beste gauzak, mundua beti berria izan ahal dadin". (Marcus Aurelius Verus - Meditazioak , Kristo ondorengo 167. urte inguruan) | news |
argia-83171aedaaa4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/mehdi-ben-barka-hau-ez-zen-hain-samurra-desagerrarazten.html | Mehdi Ben Barka hau ez zen hain samurra desagerrarazten | Pello Zubiria Kamino | 2015-11-29 00:00:00 | Mehdi Ben Barka hau ez zen hain samurra desagerrarazten
Mende erdi igaro den arren, Secret d'Etat izaten segitzen du Parisen bezala Rabaten Mehdi Ben Barka politikari iraultzailearen hilketak. Habanan 1966ko urtarrilean egitekoa zen Tricontinental biltzarra prestatzen ari zela desagerrarazi zuten. Kubatik Vietnamera, Aljeria eta Sirian barrena, internazionalismo berri bat antolatzen ari zen.
Frantziak eta Marokok oraino ez dute aitortu nola bahitu eta hil zuten 1965eko 29an, argitu gabeko dossier zaharrenetakoa behar du izan. Charles De Gaulle zen orduan presidente Frantzian eta bere haserrea azaldu zuen publikoki jakin zenean bi polizia frantsesek bahitu zutela une hartan munduko politikagintzako izar distiratsuenetakoa zena.
Argitasuna agindu zuen De Gaullek baina egin ez, geroago Pompidouk, Giscard d'Estaingek, Mitterrandek.... eta Hollande arteko inork egin ez duen bezala. Zein egia deseroso ezkutatzen ote du kasuak?
Mende erdi geroago egiaren galdezka bildu dira Ben Barka affair ea behingoz argitu dezaten eskatzeko hura bahitu zuten Lipp ostatuaren atarian, Parisko Saint Germain bulebarrean. Geroztik, Estatu Islamikoak burutako sarraskiekin arretu dira urak denbora luzerako Frantzian eta pentsa liteke gaia ohiko linbora itzuliko dela. Baliteke, hala ere, heldu den urtarrilean Tricontinental izan zenaren mende hurrenarekin ostera aipatzea askapen mugimenduen urrezko aroan erreferentzia nagusietakoa izan zen Ben Barkarena.
Afrika, Asia eta Latino Amerikako herrialdeen Habanako biltzar Tricontinentalaren prestaketan ari zela desagerrarazi zuten Ben Barka. Habanarako Basta izeneko film dokumentalaren prestaketa lanetan ere ari omen zen. Ordurako Marokoko Hassan II.ak heriotza zigorra ezarria zion, haren asmo neokolonialistei aurre egiten zielako. Lipp jatetxean –filmarena amua baizik ez zen– bi polizia frantsesek atxilotu eta eraman zuten. Geroztik gertatua ez dute erabat argitzerik lortu bata bestearen atzetik kasua eskuetan eduki duten 10 epailek.
Egiaren atal inportanteak jakin ahal izan dira, ordea, urteotan. Ez dira gutxi hartaz plazaratutako liburu eta dokumentalak. Frogatuta dago Hassan II.aren barne ministro Mohamed Oufkir pertsonalki Parisen zela, laguntzaile zuen Ahmed Dlimi koronelarekin batera. Oufkir, geroago Hassan II.aren kontrako estatu kolpea saiatzean hil zutena, Frantziako epaileek bizi osorako espetxez zigortu zuten, bahiketan inplikatuta zegoelakoan. Baina Oufkir Marokon.
Ikusi gizon hura akabatzeko antolatutako konplotaren neurria . SDECE zerbitzu sekretu frantsesak aurretik zekien planen berri eta ez zuen bahiketa eragotzi. Operazioan parte hartu zuten eskuin muturreko bi gaiztaginek ere –bata gero GALen ekintzetan arituko zen– eta biak hil ziren beranduago Marokon. Parisko prefeta Maurice Papon Vichyko erregimeneko gizona zen, eta hau ere jakinaren gainean zegoen.
Frantsesek Ben Barka Oufkir barne ministroarekin eta Dlimi koronelarekin batera –hau ere urte asko geroago Hassan II.ak hilaraziko zuen– Parisa egun haietan iritsitako agente marokoar talde bati entregatu zioten. Zantzuak badira Hego Afrika eta Israelgo zerbitzu sekretuek ere parte hartu zutela diotenak.
Asko ziren, nonbait, Ben Barkak esku artean zekarren nazioarteko operazioa nola edo hala jaio aurretik ito nahi zutenak.
Hassan II.aren esku luzea
1920an Rabateko medinan sortua, umetatik ikasle bikaina, matematiketan eta ekonomian diplomatu ostean Istiqlal alderdi nazionalistaren lidergoan oso gazterik nabarmendu zen. 1951n agintari kolonialek Atlas mendien hegoaldera erbesteratu zuten. Askatasuna 1954an berreskuratuta, independentziaren aldeko borrokari ekin zion berriro, antikolonialismoari baserritar txikien aldeko landa eremuaren erreforma gehituta.
1956an uko egin zion gobernu berrian parte hartzeari, Istiqlal alde batera utzi eta laster egin behar izan zuen berriro ihes Marokotik. 1962an Hassan II.ak –Espainiako Juan Carlos I.ak "nire anaia" eta presidente frantsesek "gure laguna" deitzen zutenak– berriro deitu, berriro ihesera behartu… 1964an, bera gabe egindako epaiketan, heriotzara kondenatu zuten, Marokoren eta Aljeriarren arteko gatazkan honen aldekoegia zela argudiatuz.
Baina, berrikitan Omar Benjelloun abokatuak Le Monde Diplomatique n kontatu duenez ( " Ben Barka, un mort à la vie longue " ), Hassan II.aren jauregiaz gain munduko leku gehiagotan ere bazituen etsaiak. "Ben Barkak nahi zituen nazionalismoaren hesia gainditu eta marokoarren borroka zabaltzea ikuspegi unibertsal batean. Planeta zeharkatuz iraultzaren mezulari nekaezina bailitzan, kontinente batetik bestera ibili zen bera hiltzeko hainbat ahalegini eskapo eginez".
Horrela ikusi zen Ben Barka Kairon inperio zaharrek teorian alde egin eta gero ere ezarrita zegoen neokolonialismoaren kontra hitzaldi beroak ematen. Hurrengoan Moskura joango zen eta hemendik Pekinera, txinatarren eta sobietarren arteko liskarrak baretzeko ahaleginean, ondoren Damaskora itzultzeko naserista egiptoarren eta baazista siriarren artean bakeak egiteko.
1960eko hamarkada hasiera. Magreben bezala Ekialde Hurbilean indarrean zebiltzan mugimendu aurrerazaleek ez zuten antza izpirik gero haien garapenetik sortutako erregimenekin. Areago, Ben Barkak bere gain hartu zuen Afrika eta Asiako Herrien Elkartasunezko Erakundea (OSPAA frantsesezko sigletan) Latino Amerikako mugimendu berrietara zabaltzea.
Ernesto Che Guevarak Aljerren izandako elkarrizketa luzeen ondoren Ben Barka proposatu zuen urrats berri horretarako buru: 1966ko urtarrilean Habanan solemnitatez sortuko zen Tricontinental biltzarraren lider.
Ben Barka ez zen iritsi Habanara baina bera gabe ospatu zen Tricontinentala, ondoren sortzeko OSPAAAL erakundea, Ginea, Kongo, Hego Afrika, Angola, Vietnam, Siria, Ipar Korea, Palestina, Kuba, Puerto Rico, Txile eta Dominikar Errepublikako ordezkariekin.
Ez zen Ben Barka izan Tricontinentalaren operazioaren inguruan garbitutako lider bakarra. Bera bezala, AEBetatik prestaketa lanetan aritu zen Malcolm X Pantera Beltzen burua ere tarte horretan hil zuten. Beste buruzagi ezagunak ere asasinatuta erori ziren: Gineako Amilcar Cabral 1973an, askapen mugimenduentzako azpiegitura sareak antolatzen zituen Henri Curiel egiptoar frantsestua 1978an...
Dio Omar Benjellounek gaur Marokon denek bereganatu nahi dutela Medhi Ben Barkaren oinordekotza, erregetzak haren izenari kaleak eskainiz, islamistek sistemaren kontrako haren suharra aldarrikatuz. Baina, gezurra dirudien arren, benetan haren heriotzari buruzko informazioak sekretupean jarraitzen du. | news |
argia-d04a18f4cc14 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/zoritu-gabe-hirotu.html | Zoritu gabe hirotu | Jakoba Errekondo | 2015-11-29 00:00:00 | Zoritu gabe hirotu
Fruitu sasoi nagusia den udazken hasiera honetan, nahi gabe ere etengabe datorkit larruazalera trogloditatasuna. Milaka urtean mantendu gaituen makina bat fruitu seko ahaztua dugu. Eta ikusi, eskuan hartu eta ahoratu orduko gogoa bahitzen didate. Ahal dudanero egiten saiatzen naiz; nahita kordea galtze hori bezalako estasi gutxi ezagutzen dut...
Mizpira da fruitu horietako bat, Mespilus germanica . Berezko mizpirarik ez dut ezagutzen. Inoiz jakiterik ez dut lortu, baina hazitik erabat antzua ote espezie hau? Mizpira izatekotan beste landareren baten gainean txertatutakoa behar du: irasagarrondoa ( Cydonia oblonga ), elorri zuria ( Crataegus spp.), udareondoa ( Pyrus communis ), maaltza ( Pyrus cordata ), mizpirondo japoniarra ( Eryobotria japonica ), nashi udareondoa ( Pyrus pyrifolia ) eta gurbea ( Sorbus domestica ). Mizpirak ez du helduta irauteko ohitura; ia ondu aurretik usteltzen hasten da. Zoritu gabe hirotzeko joera horrek ez du, ordea, fruitua alferrik galtzen: usteltzen ari denean da gozoena; gaur egungo ahosabaietarako harrigarri gerta daiteke, baina ahozurienentzat apeta da.
Mizpira eztitzen zaion gurbeari "udalatxa" edo "udalatza" ere deitzen zaio; udare makatzarenaren edo maaltzarenaren antza badu, baduenez, haren fruituak. "Gurbia" deitzen dionik ere bada. Baita azpila edo maspila ere. Sagarminari edo sagar makatzari ( Malus sylvestris ) ere "gurbea" deitzen zaio. "Gurbitza" deitzen dugu guk etxean, beste batzuek aagorria, animania, burbux, burbuza, kaudana, garangorria, gurbiote, gurriote, kurkuxa eta kurpitza deitzen duten Arbutus unedo . Guretzat maspila da "azpila" eta "basagurbea" ere esaten dioten Sorbus torminalis . "Zurbala" ere deitzen zaio horri, eta bere igaliari "zurba"; hortik zurbaran, zurbano, zurbaranbarri... Haren bestengusu otsalizarrari ( Sorbus aucuparia ) "udalatxa" deitzen zaio, baita atsolizarra, ostalizarra, txoriegurra eta ustaina ere. Hostazuria tartekoa dute, Sorbus aria . Eta arrosaren familia bereko elorriak, arkakaratsa... Eta abar.
Denak, garai bateko fruituak. Iraupen laburrekoak, baina udazkenean ahosabaia egitekotsu bihurtuko dutenak. Zirrara sakona sortu eta gogoa bahituko dizutenak. | news |
argia-3806a4d523cd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/debagoienetik-errauskailurik-ez.html | Debagoienetik: errauskailurik ez | Xabier Letona | 2015-11-29 00:00:00 | Debagoienetik: errauskailurik ez
LASARTE-ORIAKO Udala erraustegia Zubietan kokatzearen aurka agertu da. Bitxiena PSE-EEren jarrera izan da, erraustearen alde dago, baina ez bere herrian. Hori ezin balitz, orduan EAJ eta PPrekin batera onartzen du erraustegia Zubietan egitekotan herriak kalteordainak beharko lituzkeela eta erabiltzen duen energia doan eman beharko litzaiokeela. Guztia azaroaren 10eko osoko bilkuran.
Eztabaida han-hemengoa da. Paris ondoko Ivryn-sur-Seinen beste errauskailu bat egin nahi da , baina Parisen, 166.000 biztanle biltzen dituzten 2. eta 12. barrutietan organikoa atez ate biltzen hasi dira. Urruti daude, hala ere, oraindik atez ate biltzen duen Milanetik (1,3 milioi biztanle). Eta Gipuzkoatik kanpo ere, Bizkaiko agintariek Zabalgarbiko errauskailuaren loriak kantatu berri dituzte haren 10. urteurrenean, baina Nafarroan Uxue Barkos sostengatzen duen gobernu akordioak errausketa baztertzen du.
HONDAKINEN uhin berri honetan, beraz, nola baliatu abagunea Gipuzkoan mehatxu dena aukera bihur dadin? Pista oso garrantzitsua Debagoienetik dator , gaur egun Gipuzkoan hondakinak gehien sailkatzen dituen eskualdetik: urtarriletik irailerako datuetan, hondakinen %77 sailkatuta biltzea lortu dute. Bi klabe garrantzitsu dira emaitza horietan: bat, joan den legealdian hainbat herrik jorratutako atez ateko bilketa; eta bi, udan Arrasaten –Elgetan iaztik– organikoa eta errefusa txip bidezko edukiontziekin biltzea. Bi herrietan %80ra gerturatu dira, eskualdea birziklatze gaietan Europako puntan jarriz. Greenpeacek ere publikoki zoriondu berri du eskualdea.
Funtsean, horrek erakusten du garrantzitsuena ez dela nola bildu, zenbat baino, eta hainbat sistema izan daitekeela egoki %70etik gora birziklatzeko. Kontua ez da atez ate edo edukiontziz, sailkatuta biltzea baizik. Ez da ahaztu behar, Europako Legebiltzarrak jadanik 2012an onartu zuela 2020rako ezingo dela erre birziklagarria den hondakinik. Horrek eztabaida bigarren eremu batera eramaten du: nola lortu errefusa gutxitzea? Gaia konplexuagoa da, baina argi ikusten da asko sailkatzen duten herrietan , errefus kopuruak ere behera egiten duela nabarmen, Lezo, Astigarraga, Legazpi, Oñati, Hernani, Usurbil eta beste hainbatetan argi ikus daitekeen moduan.
DEBAGOIENA %80ko birziklapen mailara iritsi bada, beraz, ez ote da posible hori Gipuzkoa osoan lortzea, han erabili diren bilketa sistemak uztartuz? Eta erantzuna da denbora gutxian lortzeko moduko helburua litzatekeela, batetik, EAJ eta EH Bilduren arteko gutxieneko akordioa lortuko balitz, eta bestetik, instituzio eta gizarte mugimenduen indarrak behar legez uztartuko balira. Legealdiaren amaierarako lortzeko moduko helburua litzateke lurralde osoa %70eko sailkapenetik gora jartzea. Errefusaren bilakaera aztertu beharko litzateke orduan, baina orain arteko esperientziak erakusten du errefus kopuruak urteko eta biztanleko behera egingo lukeela nabarmen. Hau da, erraustegiak are eta zentzu gutxiago lukeela.
Inteligentziaz jokatzeko unea da, hondakinen gaian izandako gatazka sozialari etekina atera eta Gipuzkoa Europa osoan eredugarri jartzeko. Eskura dagoen helburua da. | news |
argia-b289f66716b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/veronicaren-bihotza.html | Ver�nicaren bihotza | June Fern�ndez | 2015-11-29 00:00:00 | Ver�nicaren bihotza
Verónica del Carmen Serranoren bihotza urriaren 13an eten zen. 28 urte besterik ez zituen. Verónicaren bihotza nekatuta gelditu zen. Adineko pertsona bat zainduz lan egiten zuen, barne langile. Ez zuen deskantsatzeko denborarik, ezta medikura joateko eskubiderik ere, paperik gabe bizi baitzen Euskal Herrian. Nikaraguakoa zen, Somotokoa.
Zorigaitza baino ezbeharra izan da. Errua ez da patuarena. Ez da zorte kontua izan, bidegabekeria hutsa baizik. Hainbat elkartek, Munduko Emakumeak, Sorgin eta Anitzak, eta Mujeres con Voz-ek, besteak beste, heriotza honen hainbat ezaugarri mingarri salatu dituzte. Alde batetik, bere lan baldintzak: gizarte segurantza barik lan egiten zuen eta, barneko etxeko langile eta zaintzaileen artean gertatu ohi den bezala, nagusiek ez zituzten, antza, haren deskantsu tarteak errespetatzen. Elkarteen ustez, gazte horren bihotz-arazoek nekearekin edota lanaldi luzeegiekin lotura izan zezaketen, eta gainera mediku arreta jaso balu, agian arazo hori garaiz diagnostikatuko zioketen. Baina gizarte-segurantzarik gabe lan egiteak beste arazo bat dakar: bere heriotza ez dela lan istripu bezala aintzat hartzen.
Atzerritartasun Legearekin ere lotura argia dago. Alegia, Verónicak Nikaragua utzi zuen (nazioarteko erakundeen arabera, Ameriketako bigarren estaturik txiroena; lehenengoa Haiti omen da) bere familiaren bizi baldintzak hobetzeko. Egun 9 urte dituen alaba bat utzi zuen Somoton. Amaren ardura ere bazuen, osasun txarra baitzuen. Atzerritartasun Legea dela eta, ekonomia ezkutuan lan egitea zen bere aukera bakarra; emakume etorkinentzat zaintza eta etxeko lanak dira enplegu irteera ia bakarrak, eta horietan oso ohikoa da esplotazio baldintzetan aritzea.
Kontratua baldin baduzu ere (Euskal Autonomia Erkidegoko etxeko langileen herenak bakarrik du), nahiz eta astero 40 ordu beteko dituzula jarri, edozein momentuan zaintzen duzun pertsonak beharren bat izango du eta arreta eman beharko diozu. Baina paperik gabe baldin bazaude, zailagoa izango da zure eskubideak defendatzea, salaketa bat jartzeak kanporatua izatearen arriskua dakar. Gogoratu dezagun ere Espainiar Gobernuak paperik gabeko etorkinei osasun arreta ukatu diela.
Kontua da Verónicaren heriotza oharkabean pasa zitekeela, baina ez zela hala izan. Getxoko Mujeres con Voz elkartera jo zuten gazte horren bi lagunek. Gorpua aberriratzeko 5.000 euro batu behar zituzten. Denetarik egin zuten: janariak sukaldatu eta saldu, ongintzako ekitaldiak antolatu, metroaren sarreran informazioa zabaldu... Diru kopuru hori lortu zuten eta Mujeres con Voz eta beste hamaika etorkin eta emakume elkartek kasu hau ahoz aho zabaldu zuten.
"Verónica: zure heriotza gure borroka da". Bihotz formarekin moztutako kartulina gorrietan horrelako leloak idatzi zituzten urriaren 31n elkarte eta lagunek Bilbon antolatutako omenaldian. Getxon beste bat ere egin zuten. Zaintzaileen prekarietatea eta Atzerritartasun Legeak dakarren eskubide urraketak salatu zituzten. Baina are gehiago, mikrofonoa zabalik utzi zuten nahi zuenak pare bat hitz esan zezan. Benetan hunkigarria izan zen eta uste dut zeharo beharrezkoa dela halakoak egitea; matxismoaren, arrazakeriaren zein kapitalismo basatiaren biktimen dolu kolektiboak egitea. Bortizkeria zuzenaren ondorioz zein ezbehar bidegabeen ondorioz hildakoen izenak eta aurpegiak gogoratu beharko genituzke, eta inporta zaigula sentitu, heriotza bakoitza borrokatu behar dugula sentitu. | news |
argia-fb1df378d900 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/angela-mejias-hendaia-film-festivaleko-zuzendaria.html | Mugaz eta instituzioez gaindiko film festibala | Mikel Asurmendi | 2015-11-29 00:00:00 | Mugaz eta instituzioez gaindiko film festibala
Extremadurako Val de la Calzada, 1958. Urte bat zuela gurasoekin emigratu zuen Frantziako Gers departamendura. Handik Irunera aldatu zen, Mosku auzora. Hendaian finkatu zen gero. "Txori bitxia zara, Angela". Irriño herabea zabaldu zaio: "Ez dakit nor naizen", erran digu.
Zuzenbidea ikasten hasi zinen. Defentsarik gabekoen abokatua izan nahi zenuela esan digu lagun batek.
Baina, halabeharrez, jostun, estilista edo sukaldari aritu naiz. Gaizki tratatutako aita emigrante baten alaba, munduko bazter batetik etorria. Etxean hotza eta gosea pasa genituen. Hori ez duzu sekula ahazten. Argazkilaria naiz. Mundua kurritzen dut usu, herri zapalduak batez ere, eta ohartzen naiz, ez zaigula axola haiek nola bizi diren. Haiek esplotatuta daude Mendebaldean gero eta gehiago nahi dugulako. Euskaldunak hemengo indigenak direla jakitun naiz txikitatik, baina euskaldunak ere konkistatzaileen antzerakoak bihurtzen ari dira edo gara. Instituzioetan leku hartzen dugun unetik, fini. Ipar Euskal Herriaz ari naiz orain, Hendaiako film festibalaren esperientzia ezagutu ondoren.
Festibaleko zuzendaria zara. Aurten hirugarren edizioa izan da. Zein izan da zure esperientzia?
Biharamunean hustuta nintzen, erditze baten ondoren bezala. Itxiera ekitaldian "ez duzu deus egin" esaten nion nire buruari. Agurreko afarian jendea pozik zegoen, zinemagileek inpresioak eta kontaktuak pasatzen zizkioten elkarri, baina ni haluzinatuta nengoen. Inpotentzia baino ez nuen sentitzen, bete ezin izan ditudan asmoak burutik kendu ezinik.
Hainbat arrazoi duzu kexu izateko, antza denez.
Aurten, lehen urtean ez bezala, autoritateek eta hedabideek ez digute atentziorik eskaini, ez frantses ez espainol aldean, Sud-Ouest egunkariaren salbuespenaz. Festibalak balio eta merezi duela erakutsi dugu. Hendaian pilota, errugbia, edo harri-jasotzaileak eta aizkolariak dira espresio nagusiak, folklorea oroz gain. Festibalak jendearen espiritua ireki du, kultura zinematografikoak lekua duela erakutsi dugu hiru urte hauetan.
Nola sortu zen festibala?
Argazki erakusketak egiten nituen, jite sozialekoak. Hauekin batera konferentziak ematen nituen. Alabaina, jendea ez zetorren gaiaren interesarengatik, egilea Angela zelako baizik. Argazkiak politak zirelako eta beste. Besterik ez. Niri bost axola argazki polita izatea. Nire nahia munduan gertatzen dena jakinaraztea da. Nire buruan ez zegoen film festibal bat antolatzea. Film-sorta baten bitartez topaketa moduko bat antolatu nahi nuen, jende-kopuru mugatu bati zuzendua. Ordea, festibala muntatu nuen erakusketa bat balitz bezala. Egiari zor, oker nengoen. Erotzat jo ninduten.
Nola definituko zenuke Hendaia Film Festivala?
Definiziorik eman gabe abiatu nintzen, baina ikuskizunak trukerako balio behar duen ideia nuen buruan: kidetasuna, jendetasuna, elkartasuna eta irekiduraren eredu izan behar zuen. Irekidura, lehenbizi herritarrenganako eta instituzioekiko ondoren. Nire helburua bete dut, umiltasunez diot. Satisfazioa ere hartu dut, baina ez erabatekoa. Hegoaldeko eta Iparraldeko jendea batzea lortu dugu neurri batean, baina ez nahi bezainbeste. Halaber, Frantzia, Espainia, Europa eta munduan barrenetik hurbildu dira festibalera, eta tamainak gainditu gaitu.
Film laburren festibala da. Zergatik?
Film laburra argazkia bezalakoa da, denbora laburrean inpaktua lortu behar du, argazki on baten antzera. Argazkilari ona zinegile bihur daiteke. Laburrak di-da batean transmititu behar du, jendea aspertu gabe, zaila da, baina oso egokia eta polita.
Zein da festibalaren aurrekontua?
Aurtengoak 24.000 euro balio izan du, baina gutxienekoak ordaintzeko ere ez daukagu. Inork ez du sosik kobratzen. Nik ez dut euro bat ikusi, urte osoko egun guztiak lanean. Argazkilaritza lantzeko betarik ez dut izan. Festibalak Begiradak elkarteari esker egin ditu hiru urte, argazkilaritzako sortu nuen elkarteak oinarri juridikoa eman digu. Bizitza ulertzeko beste modu bat duten lagunak biltzen dira, sistemaren alternatibak bilatzen dituztenak, batzuk marjinatuak edo elbarriak dira, jende duina. Festibalean pozarren ari dira eta tokia hartzen dute jendartean.
Zer gehiago behar du, zuk nahi duzuna lortzeko?
Oroz gainetik, ez dut nahi Angela Mejiasen festibala izatea. Katalogoa, filmak eta eszenatokian egiten den guztia hiru hizkuntzetan egitea nahi dut. Aurtengo editoriala frantsesez baino ez dago. Lehen urtean mugaz gaindiko laguntza izan genuen, Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren karietara, Kontseiluarekin elkarlanean. Festibalean sartu genuen, berezko atala izan zen. Baina, laburmetraiak ez ziren onak. Asmo onez eta amultsuki ekarri zituzten filmak, baina eskasak ziren. Bigarren urterako kalitate gehiago eskatu nien. Ez zuten ekarpena hobetu eta aurten ez da sail hori izan. Ez da nahikoa lehiatzea, ekartzen diren lanek gutxieneko kalitatea behar dute. Frantsesezko laburrak euskaratu izan ditugu, ahalbideak eta diruak eman digun arte. Festibalaren xedeetako bat kulturen arteko ulerkuntza erraztea da.
Akitaniako Erregioak behar luke festibala lagundu bereziki, baina ez da horrela izan. Instituzioen jarreren inguruan iritzi nahasgarriak izan dira.
Hasteko eta behin, konstatazio bat: Akitania-Euskadi mugaz gaindiko instituzioko frantsesek ez dute Hegoaldearekin elkarlanean aritu nahi. Akitaniako Erregioaren Gobernuak hiru urtetan ez digu deusik eman. Lehen urtean normala da. Baina bigarrenean erakutsi genien zer egiteko gai garen. Eskutitz bat heldu zait laguntza ukatuz. Nik kritikatu dut bereziki Erregioa, EEP eta Mugaz Gaindiko organismoa. Sud-Ouest egunkariak nire hitzak oso gaizki interpretatu ditu. Laguntza miserablea zela esan zuen, 1.400 euro jaso baikenuen; eta nire kritika osoa EKEri bizkarreratu zion. Ez da zuzena. Nik EKEko Pantxoa Etxegoien zuzendaria estimatzen dut. Baina, egiari zor, 21.400 euro horietatik 20.000 euro Hendaiako Herriko Etxetik jaso dugu. Gainerakoa, 2.600 euro, herritarrek eman dute. Battitte Salaberry auzapez ohia eskertu nahi dut bereziki, bera auzapez zelarik bultzada eman baitzion festibalari, proiektuan sinetsi baitzuen. Diru hori gabe, nola ordainduko genituzke epaileen hegazkin bidaiak eta beste gastuak? Batzuek festibala nire kapritxoa dela diote. EEPk ez du ulertzen filmak itzuli behar direla. Itzulpenak garestiak dira. Azpitituluak behar dira, eta onak. Itzultzaileak, muntatzaileak eta teknikoak ordaindu behar dira.
Zer bagaje utzi digu aurtengo festibalak?
Nazioarte sailean goi-mailako filmak eman ditugu. Serbia edo Eslovenia bezalako herrialdeetatik etorriak, ezezagunak guretzat. Etorkizuneko zinemagileak ezagutarazteko eta hemengo publikoari filmak ezagutzeko parada da festibala. Akitania-Euskadi sailean berriz, Euskal Herrian egiten diren labur onenak bildu ditugu, baditugu puntako egileak, Telmo Esnal, Asier Altuna... Maleruski Akitanian ez dituzte ezagutzen. Euskal zinegile onenak dira labur nahiz luzemetraian. Amama filma Espainiako Estatuan bigarren film ikusiena izan da, baina frantsesei ez zaie Hegoaldeko zinearen kalitatea axola. Horrek biziro ernegatzen nau.
Zein film azpimarratuko zenituzke?
Maïmouna Doucouréren Maman(s) saritua biziki ona da, baina David P. Sañudoren Artificial eta Aitor Gutiérrezen Anomalo ez dira eskasagoak, Euskal Herrikoak biak. Nazioarte sailean, Lituaniako The Fish of My Life izan da irabazlea, Julius Siciunasena. Sarituak onak dira, eta saritu gabeak ere bai. Nik sarien gainetik, film laburra goraipatuko nuke oro har: ematen du film laburrek ez dutela deus kontatzen, baina funtsezkoa kontatzen dizute. Munduan kokatzen gaituzte, egunerokoan zer garen azaltzen digun irudi sortatxoa da. Film laburra errutinaren isla da, eguneroko arte espresio bikaina. | news |
argia-4f29a6ed971d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/estatu-polizialak-hartuta.html | Estatu polizialak hartuta | Mikel Garcia Idiakez | 2015-11-29 00:00:00 | Estatu polizialak hartuta
Segurtasunaren izenean zenbait askatasun indibidual eta kolektibo murriztea onartu du, gehiengo handiz, Frantziako Asanblea Nazionalak. Erabakiarekin ados omen dago herritar ugari, galdeketa baten arabera. Ez alferrik, beste gai batzuetan egin ohi den lasaitasunerako deiaren ordez, arma kimikoak edota atentatuak jasateko aukera handia dituzte ahotan agintariek egunotan.
Nigeria eta Mali
Boko Haramek 30 lagunetik gora hil eta 80 inguru zauritu ditu Nigeriako atentatu suizidan. Malin berriz, bahitutako 27 pertsona eta 13 terrorista hil dituzte Bamakoko hotel batean, eraso yihadistak eraginda.
Bonbardaketak Sirian
Siriako Ar-Raqqa hirian 60 bonba jaurti zituen, hiru egunez jarraian, Frantziako armadak. 220.000 biztanle baino gehiago bizi dira hiri horretan. Eraso gehiago iragarri dituzte.
Alerta eta psikosia Bruselan
Berehalako atentatu baten aukera argudiatuta, ekitaldi asko bertan behera uzteko agindu dute Belgikako hiriburuan, eta militarrez eta poliziaz josia ikusi dugu hiria, izuak hartuta. | news |
argia-adeac6c29db8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/ordezkari-politikoentzat-herritarren-hizkuntzan-egitea-bigarren-mailakoa-da.html | Ordezkari politikoentzat herritarren hizkuntzan egitea bigarren mailakoa da | Onintza Irureta Azkune | 2015-11-29 00:00:00 | Ordezkari politikoentzat herritarren hizkuntzan egitea bigarren mailakoa da
Ezinbestekoa al da ordezkari politikoek euskaraz jakitea? Hauteskundeetako zerrendetan sartzen diren hautagaiek zein irizpide bete behar dituzte? Alderdi politikoei galdetu diegu, eta gehien errepikatu duten irizpidea parekidetasuna da, legez ezarria baita ezaugarri hori. Euskara... garrantzitsua bai, baina ezinbestekoa...
Herritarrak ertzainari eskatu dio euskaraz egiteko. Ertzainak hala erantzun dio: "Gaztelaniaz, ez dakit euskaraz. Euskaraz egin nahi baduzu hitz egin iezaiozu Beltrán de Heredia sailburuari". Txio batean kontatu zuen norbaitek, eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ekarri du gogora gai hau dela-eta Kontseiluaren iritzia eskatu diogunean. Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua da eta ez du euskaraz egiten. Ordezkari politikoak eta euskara gai hartuta ari garela, testuinguru honetan, Bilbaorentzat erantzun bikaina da ertzainarena, gaia kokatzen ederki laguntzen baitu: "Hari zer esango diozu? Batetik, esan dezakezu 'ze kabroia!' eta bestetik, arrazoia dauka! Demagun Ertzaintzan sartzeko zailtasunak izan zituela. Lehenengoan ez zela sartu puntuazio kaskarragatik, bigarrengoan lortu zuela. Agian, bera kexatu zen lan deialdian eskatutako euskara maila altuegia zela uste zuelako. Bistan da, ez da ertzain euskaltzalea. Baina horrelako zerbait izango du buruan: Herritarrak euskaraz egiteko eskatzen dit, lanpostua lortzeko hizkuntza eskakizunak bete behar ditut eta eskakizun hori izatera derrigortu nauenak ez daki euskaraz?". Langileak euskara jakin behar du, baina nagusiak, politikariak, ez jakitea ez da arazoa. Hizkuntzaren gorabeherek eragina dute herritarrengan eta langileengan, nagusiengan ez, ordea.
Ez da ordezkari politikoek euskara jakin beharra izateko argudio bakarra eta garrantzitsuena, baina Bilbaoren ustez, kontraesan handi horrek begi-bistan uzten du egoeraren ulergaitza: "Gobernuko kideak, alderdi batekoak, bestekoak edo independenteak izan, herritar guztien zerbitzura daude. Toki horietan hizkuntzen ezagutza nahitaezkoa da".
18 urte izatea nahikoa
Ordezkari politikoak diogunean zinegotziez, alkateez, legebiltzarkideez, gobernu kideez ari gara. Aginte postua hartzeko, hautagaien zerrendan joateko, baldintza bat baino ez dute bete behar: 18 urte izatea. Espainiako Estatuan, norbanakoez gain, alderdi osoari begira ordea, bada beste irizpide bat denek bete behar dutena: parekidetasuna. Paul Bilbaoren ustez, bertako hizkuntza jakitearen exijentziak aparteko kontua beharko luke izan. Agintariek euskaraz ez jakiteak ondorioak dauzka.
Ondorioetako bat etxe barruan komunikatzeko oztopoak sortzea da. Euskaraz ez dakiten sailburuek, legebiltzarkideek, zinegotziek haien kideekin egiten dituzten bilkurak, txostenak, eta abar baldintzatzen dituzte. Jarduera politikoan, euskaldunak direnek, hizkuntza aldatu beste erremediorik ez dute, ez bada garesti diren itzulpen eta interprete zerbitzuetara jotzen. Herritarrengan ere badu eragina. Adibide izan daiteke udal plenoa. Zein hizkuntzatan hartuko dute parte herritarrek zinegotziren batek edo alkateak euskaraz ez badakite? Bai, badira baliabideak herritarrari mezua bere hizkuntzan helarazteko, itzulpen zerbitzua erabiliz adibidez. Beti ez dira ordea, eskura, eta ez dira merkeak. Errentagarriagoa izan daiteke prebentzio neurriak hartzea, alegia, ordezkari politikoak euskara ikastea.
Eta itzultze sistema bikain eta merkea ere ez da soluzio. Nork prestigiatuko du bada hizkuntza? Hala dio Bilbaok: "Lehendakari euskalduna izateak ez du esan nahi herritar gehiago euskaldunduko direnik, ez. Baina lehendakariak, kontseilariak, euskaraz funtzionatzeak badauka eragina. Horrela erakusten da hizkuntza erabakiguneetan kokatuta dagoela". Gogoratu ertzainaren pasartea.
Progresibitatea
Ez zaio asko gustatzen termino hori Bilbaori, uste baitu gero eta euskaldun gehiago bagara (eta datuek hala diote) aitzakia gutxiago dagoela hizkuntza eskakizunak oraingoak baino indartsuagoak izateko. Hala ere, ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartzearen aldekoa da ordezkari politikoei euskara exijitzeko orduan. Dena dela, bi ezaugarri azpimarratu ditu beste guztien gainetik. Batetik, udal batzuetan (txikietan gehienetan) alkateak berak baino indar handiagoa du idazkariak edo kontu-hartzaileak, eta haien hizkuntza ezagutzak baldintza dezake politikarien jarduna. Beraz, udal horietan idazkari edo kontu-hartzaileek euskara jakitea zaindu behar da. Bestetik, Bilbaoren ustez ez da gauza bera progresibitatea aplikatzea biztanleen %10 euskalduna den 100 biztanleko udal batean edo ehuneko bera duen 10.000 biztanleko udalean. Bigarrengoan euskaldunak askoz gehiago dira.
Legediari begira, lasai egin dezakete lo politikariek edo politikagintzan hasi nahi dutenek, Espainiako eta Frantziako Konstituzioek diote gaztelaniaz eta frantsesez (hurrenez hurren) jakitea dela derrigorra, eta euskara jakitea ez. Beste kontu bat da euskararen garrantziaz jardutea zilegi den norberak edo alderdikideak ez dakienean. Aldi berean, EAEn eta Nafarroako zati batean euskara koofiziala da, beraz herritarrek euskaraz aritzeko eskubidea dute. Eskubide talka bitartekoak jarriz gaindituko da, ez ordea euskarazko harremana oztopatzen duenari hizkuntza exijituz.
Alderdi politikoei hizkuntza irizpideez galdezka
Garbiñe Zurutuza, EH Bildu: "Hautagaiek euskaraz ez badakite, legegintzaldian ikasteko konpromisoa eskatzen diegu"
Guretzat oso garrantzitsua da ordezkari politikoek, alkateek, zinegotziek, parlamentariek... euskara jakitea. Gure lan egiteko hizkuntza euskara izanik, zerrendak egiteko momentuan, saiatzen gara euskaraz dakiten pertsonak hautatzen, eta baldin eta ez badakite, legegintzaldiak irauten duen bitartean ikasteko konpromisoa eskatzen diegu. Gure helburua, ordezkari elebidunak edukitzea da.
Adibidez, Gasteizko legebiltzarkideak diren Oscar Matute eta Diana Urreak kargua hartu zutenean ez zekiten euskaraz, baina orain, hiru urte pasa ostean, euskara ikasteko ahalegina egin dute, ikasi dute eta geroz eta maila hobeagoa dute. Bestalde, Gasteizko gure legebiltzarkide taldeak, Bai Euskarari ziurtagiria dauka, eta nabarmentzekoa da ziurtagiri hori duen talde bakarra dela.
Maria Solana, Geroa Bai: "Zerrendaburu izango direnek euskara jakin behar dute nahitaez"
Gure irizpideetako bat da Nafarroako hainbat eskualdetako jendea biltzea, ez daitezen denak Iruñerrikoak izan. Legez ezartzen zaigu parekidetasuna. Gainerakoan, zerrendaburu izango direnek euskara jakin behar dute nahitaez, edozein hauteskundeetarako. Dela Espainiako Kongresua, dela Nafarroako Parlamentua, dela lehendakarigai izateko. Hautagai denak euskaldunak izatea ez dugu eskatzen, eta ez zaigu iruditzen gai hau derrigortzat hartzea ona denik. Bestela ere nahiko lan izaten dugu zerrendak osatzen. Beste kontu bat da hautagaien artean euskaldunak izatea ongi ikusteaz gain, bultzatzea, saiatzea ahalik eta gehien izan daitezen. Derrigorrez baino printzipioz jokatzen dugu. Adibidez, parlamentuan euskara eskolak ematen dizkie AEK-k nahi duten parlamentari eta langile guztiei. Gure zerrendetan guztiak ez dira euskaldunak izaten baina bai euskaltzaleak.
Udalerri mailan ari garela, nola eskatu Ribaforadan (zonalde ez euskalduna) zerrendaburu euskalduna? Batez ere zonalde euskaldunean eta mistoan eskatzen dugu euskaldunak izatea, eta haietan ere herriaren arabera.
Santos Cerdán, PSN: "Nafarroan politikaria izateko ez daukazu zertan euskara hitz egin"
Euskararen Legearen azken aldaketa babestu genuen, baina horrek ez du esan nahi alderdi sozialistan hautagai izateko euskara hitz egiteak baldintza ezinbestekoa izan behar duenik. Nafarroako populazioaren %88k ere ez daki. Euskarari errespetua bai, baina baldintza ezinbestekoa ez.
Bestelako irizpideak bai
Orain dela legegintzali batzuk hasi ginen parekidetasunaren baldintza ezartzen. 10.000tik gorako herrietan eskailera egiten dugu, emakumeak eta gizonak txandaka. Bestalde, formazioa eta lanean dena emateko borondatea hartzen ditugu kontuan.
Derrigortasunaz
Nafarroan bi hizkuntza dauzkagu eta euskara leku batzuetan koofiziala da. Zorionez hizkuntza amankomuna daukagu, gaztelania da hizkuntza hori. Hizkuntzek ez dute ghettoak sortzen lagundu behar. Nafarroan politikaria izateko ez daukazu zertan euskara hitz egin, lanerako gogoa izan behar duzu.
Gorka Maneiro, UPyD: "Guk askatasuna defendatzen dugu, bakoitzak dakiena erabiltzea"
Ez dugu hizkuntza irizpiderik. Euskaraz hitz egitea, jakitea, ondo dago, baina ez dugu diferentziarik egiten. UPyDren ideiak defendatzeko prest egotea da inportanteena guretzat. Gauza bat exijitzen dugu: gutxienez lau urtez edozein lekutan, administrazioan, enpresan... lan egin izana.
Ondo iruditzen zait jendeak bi hizkuntzak erabili ahal izatea, niri zurekin hitz egiteko balio dit hedabideekin aritzeko, baina momentu honetan EAEn jende asko dago euskaraz ez dakiena.
EH Bilduk bakarrik defendatzen du derrigortasuna. Guk askatasuna defendatzen dugu, bakoitzak dakiena erabiltzea. Ezin dugu ahaztu denok dakigula erdaraz, eta euskaraz ez. Euskaraz baldin badaki ondo.
Herritarra euskalduna eta parlamentaria erdalduna?
Herritar batzuei hori ez gustatzea errespetatzen dut. Batzuek jende guztiak euskaraz egitea nahi dute, baina momentu honetan ezin da. Herritarrek beren botoarekin erabakiko dute zeintzuk izan behar duten politikari hautatuak.
Rafaela Romero, PSE: "Alderdian bi hizkuntzak menperatzeko borondatea dago"
Egoera desberdina da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Bizkaian eta Araban zerrendak egiteko arazoak izan ditugu eta egia da toki batzuetan bi hizkuntza kontrolatzen dituztenak ez daudela, baina gero eta gehiago, batik bat alderdia indartsu dagoen herrietan. Hautagai guztiek menperatzen dute euskara Gipuzkoan, Batzar Nagusietan eta Foru Aldundian. Agian hitz egiteko arazoak badaude, baina ulertzeko ez. Euskara jakitea ez da hautagai izateko derrigorra, baina gero eta inportanteagoa da, alderdian barneratuta dago, bi hizkuntzak menperatzeko borondatea dago, eta jende asko ari da ikasten. Euskararen beharra ez dago idatzita, baina oso garrantzitsua da. Azken hamar urteetan aldaketa funtsezkoa izan da. Hautagaiak elebiduna izan behar du.
Derrigortu beharko litzateke?
Ez da positiboa, ez da beharrezkoa. Badakit euskara eta gaztelania hitz egin behar direla. Herri hau eraikitzeko modurik onena bi hizkuntzak hitz egitea dela uste dut, bestela herri erdia galtzen duzu. Politikan hainbeste denbora daramazula, ez dago derrigortu beharrik, konturatzen zara.
Joseba Ezeolaza, Izquierda-Ezkerra: "Derrigortasuna ideia txarra da euskara sustatzeko, pedagogikoagoak izan behar dugu"
Euskara jakitea ezaugarri oso garrantzitsua da, positiboa, baina ez du muga izan behar. Hobe da jakitea ez jakitea baino. Gure bi parlamentariak erdaldunak dira, baina Iruñeko Udaleko zinegotzi bakarra euskalduna da, Atarrabiako zerrendaburua hala zen, Baztangoa... herri askotakoak.
Ordezkari politikoek euskara jakiteko beharra izatearen kontra gaude. Zerrenda osatzeko baldintza bakarra daukagu: parekidetasuna. Derrigortasuna ideia txarra da euskara sustatzeko, pedagogikoagoak izan behar dugu. Euskara jakitea saritu behar dugu.
Aitor Olaizola, EAJ: "Zerrendaburuei euskararen ezagutza eskatzen zaie"
EAJ-PNVrentzat euskara da gure ezaugarri propio nabarmenena, euskal gizartearen identitate zeinu behinena.
Badira jada urte batzuk EAJ-PNVk bere jarduerarako euskara plana onartua duena. Euskara plan horretan biltzen ditugu alderdi barrura (alderdi barruko kargudunei, kargudun publikoei zein alderdikideei) begirako aholku, irizpide eta betebeharrak ez eze, gizartera begirako jardueretan, hauteskunde zerrendak kasuko, kontuan izan beharreko hizkuntza irizpideak. Irizpide horien arabera adibidez, EAJ-PNVren Eusko Legebiltzar, Nafarroako Foru Parlamentu, Kongresu eta Senatu, eta Europako Parlamenturako zerrendaburuei euskararen ezagutza eskatzen zaie.
EAJk Hizkuntza Politika gobernu jardueraren erdigunean kokatuko du berak gobernatzen dituen erakundeetan.
Haritza Camblong, Hendaia biltzen: "Kontseiluan hiruk hartzen dugu hitza euskaraz"
Hendaiako Herriko Etxean 33 hautetsi gara, euskaldunak 8-10 bat errango nuke. Auzapeza bera, Kotte Ezenarro, euskaldun berria da. Kontseiluan ez dugu 33 lagunek hitza hartzen, baina aritzen direnetatik euskaraz hiruk egiten dugu. Iker Elizalde izan zen lehena kontseiluan hitza euskaraz hartzen. Itzulpenik ez denez, gero frantsesez egiten dugu. Beste biak Mixel Muñoz eta ni neu gara.
Zergatik ez duten egiten dakitenek euskaraz? Batzuk ez dira oso trebeak, eta agian horregatik ez dira ausartzen, irudi txarra emango dutelakoan daude, nahiz eta batzuek beraiek uste baino hobeto egiten duten.
Beste arrazoi bat izan daiteke politikoa (beti ere nire irudipena da), norberaren hautesleen zati bat galtzeko beldur izatea. Bestalde, euskara ez dute beste hizkuntzen mailan ezartzen. Eta orokorrean errango nuke euskara ez dela lehentasunen artean, eta alderdi guztietan gertatzen dela hori uste dut. | news |
argia-9d7a2fe61518 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/cat-boyd-radical-independence-kanpainako-bozeramailea.html | "Independentzia klase-afera da eta generoa klasearen erdigunean dago" | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-11-29 00:00:00 | "Independentzia klase-afera da eta generoa klasearen erdigunean dago"
Eskozia independentea nahi du, dena aldatzeko, feminismoa, sozialismoa eta anti-inperialismoa oinarri. Liburu batean bildu ditu independentziaren aldeko argudio feministak, Jenni Morrisonekin batera. Iragan urrian Alternatiben Herrian izan zen, eta mahai-inguru arrakastatsuaren biharamunean jardun genuen berarekin.
Nola abiatu zen Radical Independence?
Hasteko, Eskoziako Parlamentua ez zuten diseinatu gehiengo nazionalista batek gobernatzeko, ezpada koalizio batek agintzeko. 2011n, nazionalistek gehiengoa lortu zutenean, orduantxe konturatu ginen erreferenduma izango genuela. Erakunde sozialista iraultzaileetan ibilitako hamar lagun inguru bildu eta kanpaina bat abiatzea erabaki genuen, zeinaren ardatzak ez baitziren izango SNP alderdia, nazionalismoa, eskoziar identitatea... Aitzitik, klasea jarri nahi genuen erdigunean, ikuspegi anti-inperialistatik abiatuta.
Nola ekin zenioten kanpainari?
Ezker tradizionaleko erakunde britainiarrek uste dute langile guztiek batuta iraun behar dutela. Aldiz, Eskoziako talde sozialistak, ezker erradikalekoak, independentziaren alde daude. Gure asmoa zen eztabaida irabaztea eta independentziari buruzko diskurtso berri bat sortzea. Argi utzi nahi genuen independentzia ez dela Eskoziako bandera soilik, gure prozesua nazioarteko mugimendu zabalago baten parte dela, eta estatu britainiarra haustea ezinbestean dela ekintza progresista bat.
Atez ateko kanpaina egin zenuten, Yes kanpaina ofizialetik aparte.
Britainian oso ohikoa da horrelako kanpainak egitea. Yes kanpaina ofiziala SNPrena zen. Hasieran, beren ideia nagusia honako hau zen: independentzia bozkatu, denak berdin jarrai dezan. Hala ere, aurrera egin ahala, ezkerrerantz lerratu ziren, gure jardunaren ondorioz. SNPkoak izugarri trebeak dira atez ateko kanpainetan. Biztanleei buruzko erregistroak dauzkate: nor zaren, zeri ematen diozun botoa, botoa emateko izena emanda ote zauden... Operazio militar baten antzekoa da, botoa hauteslekura eramateko operazioa.
Guk, ordea, geure gidoi propioa idatzi genuen. Monetaz galdetzen zigutenean, zera esaten genuen: librari euts diezaiokegu, baina gure moneta propioa ere izan dezakegu. Diskurtso ofizialetik urrundu ginen, eta, nire iritziz, jende gehiago konbentzitu genuen. Izan ere, gerriko industrialeko biztanleak alderdi laboristaren jarraitzaileak izan dira tradizionalki, SNP baino ezkertiarragoak. Kanpainak aukera eskaintzen zigun jendearekin hitz egiteko, sekula bozkarik eman gabeko jendearekin ere. Benetan desio genuen jendeak prozesu demokratikoan parte har zezan.
Atez ateko prozesua oso gogorra da, nekagarria buru eta gorputzarentzat. Beraz, saiatu ginen ekintza hori ekintza politiko bilakatzen, manifestaldia balitz bezala, erresistentzia-inauteria, neoliberalismoaren eta austeritatearen aurka.
Zer ikasi duzue prozesuari esker?
Bi urteko epea geneukan biztanleen erdia baino gehiago konbentzitzeko. Beraz, presio eta presa handia sentitu nuen, eta gauza batzuetan huts egin genuen. Kanpainaren ostean zenbait lezio ikasi genuen, barne-demokraziari eta ardurei buruz. Era berean, ikasi genuen beharrezkoa dela korronte feminista indartsua edukitzea. Kanpora begira, ikusi dugu SNP oso erakunde boteretsua dela. Erreferendumaren aurretik 25.000 kide zituzten, eta orain, aldiz, 110.000. Gauza ona izango litzateke RI alderdi politiko bilakatzea, SNPrako isuri hori geldiarazteko. Baina alderdi askotako jendeak osatzen du RI, eta horregatik abiatu dugu alderdi berri bat, RISE.
Jenni Morrisonek eta biek idatzitako liburuan diozuenez, emakumeek inork baino gehiago irabaziko lukete independentziarekin, baina, gertagarriena zen gehienek aurka bozkatzea.
Yes kanpainak ez zuen genero-ardatza txertatu, eta, nire ustez, horregatik galdu genuen erreferenduma, besteak beste. Emakumeei ez zieten ezer eskaini, eta kanpainako hitzaldietan, emakumeren batek galdetzen bazuen ea zergatik eman behar zuen independentziaren aldeko botoa, zera erantzuten zioten: "doako haurtzaintza-zerbitzua emango dugu". Emakumeen arazo bakarra balitz bezala, emakume guztiena, eta emakumeena soilik.
Nolatan erabaki zenuten liburu hori idaztea?
Begira, erreferendumaren harira, emakumeen mobilizazio handi bat izan zen, Women for Independence (WFI) kanpaina, baina ez zuten feminismoaz hitz egin. Politikan jardundako emakumeek osatzen zuten, Eskoziako Parlamentuko kide ohiek eta abar. Sekula ez da izan horrelako emakumeen mobilizaziorik, eta asko miresten ditut. Kanpaina arrakastatsuak egin dituzte, besteak beste, emakumeen presondegi bat eraikitzearen aurka, baina sakonago jo behar lukete. Ni zain nengoen, independentzia eta feminismoaren arteko lotura potentzialak zeinek aipatuko, eta Jenni berdin sentitzen zen. Ikuspegi politiko oso antzekoa daukagu biok, erakunde sozialista erradikaletan ibilitakoak gara, eta marxista feministatzat daukagu gure burua. Liburuaren ondorioak nahiko garbi geneuzkan, baina prozesuan sakondu nahi genuen.
Zer lotura potentzial daude independentziaren eta feminismoaren artean?
Britainia Handia estatu erreakzionario, arkaiko eta patriarkala da, bere egitura guztiek inperialismoa eta neoliberalismoa dute ardatz. Ideologia britainiar horrek, espezifikoki, emakumeak baztertzen ditu, sexismo instituzionalaren bidez: dirua arma nuklearretan inbertituz eta ez hezkuntza edo osasungintzan, bortxatutako andreak artatzeko zentroentzako laguntzak murriztuz... Aldi berean, feminismoaren ekarpen batzuk lapurtu dituzte, esanez emakume enpresaburu asko dauzkatela, emakume bat izan zutela lehen ministro... Aurpegia garbitzeko baizik ez dute egiten, kontua ez baita emakumeentzako xendra bat eraikitzea instituzio patriarkal horien barruan. Osorik hautsi behar dira, estatu britainiarra eta britainiartasuna eta instituzioak, lur emankor berria behar dugu emakumeen askapena loratzeko. Ez da perfektua izango, baina independentziak aukera ematen digu borroka feminista toki askoz garrantzitsuagoan ipintzeko.
Klasearekin ere lotu duzue, noski.
Britain is for the rich, Scotland can be ours [Britainia aberatsena da, Eskozia gurea izan daiteke] biltzarrean, independentzia klase-afera dela adierazi genuen, eta aberatsek ezetz bozkatuko zutela. Badago joera bat, klasea eta generoa bereizteko: "klase-afera da, beraz generoak ez du axola". Aitzitik, Jennik eta biok bestelako diskurtso bat sortu nahi genuen: independentzia klase-afera da, baina generoa klasearen erdigunean dago. Gainera, akordio neoliberalaren kasuan, kapitalismo mota oso zehatz bati buruz ari gara, eta horren oinarrian emakumeen esplotazioa dago, aurreko ezein sistematan baino bortitzago.
Eskoziako mugimendu feministak ez du klase-ikuspegia txertatzen, oso instituzionala da, elitearen mailan jokatzen du, eta, beraz, emakumeen antolakunde itzelak dauzkazu, sekulako lana egiten dutenak, baina ez dira kalean mobilizatzen. Eraso ekonomiko benetan larriak jasan ditugu, eta emakumeen bizitzetan eragin dute, bereziki. Liburuan sartu dugun estatistika baten arabera, austeritate neurrien harira, murrizketen hiru laurdenek emakumeei eragin diete, txarrerako. Dirua aurreztearen ideologia hori guztia emakumeen bizkar dago. Adibidez, "housing benefit" [etxebizitza-laguntza] izeneko eskubidea daukagu, eta horrekin lotuta, gobernuak neurri berri bat txertatu zuen, jendeak "bedroom tax" [logela-zerga] deitzen diona. Kontua da alokairurako diru-laguntza murrizten dizutela, baldin eta etxeko logela bat hutsik badaukazu. Horrek sekulako eragina izan zuen emakumeengan eta neurriaren aurkako kanpaina bat abiatu zen. Dena dela, inork ez zuen feminismoa aipatu, eta kanpaina klasean oinarritu zen, soil-soilik. Berez ez da txarra, baina kontzientzia falta da: eraso hori emakumeen aurka zihoan, zuzenean, eta emakumeen antolakundeek ere eskatu beharko lituzkete kontuak, ez soilik ezker tradizionalak.
Ehunka lagunen aurrean hitzaldia eman zuen Bilboko Alternatiben Herrian, EHUko irakasle Mario Zubiagarekin eta CUPeko parlamentari ohi David Fernandezekin batera.
Atal oso bat eskaini diozue segurtasunari.
Segurtasunaren kontua hertsiki lotuta dago Britainiaren obsesio militarrarekin. Eskoziarrok estatu britainiarraren arma nuklearretatik 40 minutura bizi gara; Glasgow-n trena hartu eta ordu erdi eskasean ikus ditzakezu armak, ez baitituzte gordailu batean sartzen. Trident base militarrarena oso faktore garrantzitsua izan da kanpaina osoan zehar, SNPrentzat ere: argi utzi dugu independentzia lortzekotan ez ditugula arma nuklearrak gordeko.
Liburuan erakutsi nahi izan dugu Trident-eko base militarra dela estatu britainiarren sexismoaren ikur gorena. Glasgow-tik 40 minutura dago eta arma nuklearrak gordetzen dituzte bertan. Orain gutxi lege bat aurkeztu dute basea eta armak berritzeko: milaka milioi libra xahutuko dituzte, aldi berean emakumeei kalte egiten dieten murrizketa ekonomikoak onartzen dituztelarik. Horra hor, sexismo instituzionalizatua. Britainiak kanpo-mehatxuen diskurtsoa elikatzen du, baina etxean gerra ekonomiko bat ari da jokatzen, emakumeen aurka.
Andreok seguru egoteko, guk ez ditugu haurtzaintzari edo emakumeen errepresentazioari buruzko neurriak proposatu, aitzitik, lan prekarioa ilegalizatu nahi dugu, gutxieneko soldata bat ezarri, emakumeek beren burua sostengatu ahal izateko... Horrek babesten ditu emakumeak, patriarkatuaren aurka beren buruak taldean antolatzeko botereak, eta ez bonba nuklearrek, horrek ez du inor babesten!
Deboluzioarekin batera izugarri hazi zen emakumeen errepresentazioa Eskoziako Parlamentuan. Nolakoa da egoera, gaur egun?
Eskoziako Parlamentua ireki zenean, emakumeek koalizio indartsu bat sortu zuten, genero-berdintasunezko parlamentu bat lortzeko helburuarekin. Benetan arrakastatsua izan zen, legebiltzarkideen %35 emakumeak ziren. Harrezkero, ordea, gainbeheran joan da. Jakina! Gure iritziz, hortxe dago gakoa: gauzak errotik aldatu behar dira, emakumeen borroka feminista kolektiboa behar da oinarrian, ez soilik emakume legebiltzarkideak.
Horrexegatik, ganbera bikoitzaren aukera proposatu dugu. Westminsterren bezala, independentziaren ostean guk ere bi parlamentu nahi genituzke: bata arrunta eta bestea emakumeena. Komunitateek hautatutako emakumeek osatuko lukete Emakumeen Parlamentua, eta Eskoziako Parlamentuak erabaki nahi duen legedia oro pasa beharko litzateke bertatik. Beto-eskubidea edukiko luke, emakumeei eragiten dieten gauzen gainean, alegia, guztiaren gainean: osasuna, hezkuntza, ogasuna... Horrela, emakumeak politikoki heziko lirateke eta erabakiguneetako ohiko jarrera maskulinoa irauliko litzateke, emakumeak edukiko genituzkeelako erdi-erdian, herrialdeari buruzko erabakiak hartzen.
Nire amari ez zitzaion batere gustatu ideia hori, zentzugabea iruditu zitzaion. Eta nik erantzun nion: "nolatan izango da Westminsterreko Lorden Ganbera baino absurdoagoa? Gizonek gobernatzen dute erabat, eta ez ditu jendeak hautatzen ere, pribilegioen ondorioz daude hor". Orduantxe ulertu zuen. Horixe da kontzientzia hartzearen gakoetako bat, zentzugabekeria zehatz batzuk ikusezinak direla.
Aurrera begira jarrita, alderdi politiko bat sortu berri da, RISE. Zer dela-eta?
Gure helburua da sozialistak atzera ere Parlamentura itzultzea. Biziki garrantzitsua da independentziaren kausarako. Yes kanpaina oso anitza izan da: kanpaina ofiziala, RI, sindikatuak... Ahots horiei guztiei esker lortu genuen %45a, baina uste dugu Parlamentuan ere islatu behar dela aniztasun hori, jendeak garbi izan dezan independenteak izan gaitezkeela, eta ez duela zertan SNPren eskutik izan.
Zer toki izango du feminismoak RISEn?
Jennik eta biok liburua argitaratu genuenean hitzaldi pila bat egin genituen, eta batez ere emakume gazteak etorri ziren. Nire iritziz, feminismoaren laugarren olatua iristear da, eta konturatu naiz gero eta emakume gazte gehiago ari direla feminista gisa identifikatzen. Orain arte, Eskoziako kale eta erakundeetan ez da tokirik izan feminismoa lehentasuntzat duten emakumeentzat, eta etxe hori sortzen ari gara, feministak izan daitezen hasteko, independentziaren aldekoak, sozialistak.... Emakumeak nahi ditugu erakundearen buru.
Badakigu oso zaila izango dela, azken hauteskundeetan %0,4 baikeneukan, errepresentazio ñimiñoa. Hala ere, hori hobetzea, edozein mailatan, garaipen itzela izango da, kasik independentzia baino hobea [barreak]. Gainera, Eskozian boto-sistema berezi bat daukagu, bi bozkakoa, eta bigarren boto horri esker alderdi txikiek aukera hobea daukate.
Nola txertatuko dituzue feminismoa eta gainerako ikaskizunak RISEn?
Jennik eta biok liburua argitaratu genuenean hitzaldi pila bat egin genituen, eta batez ere emakume gazteak etorri ziren. Feminismoaren laugarren olatua iristear da, mundu-mailan, eta konturatu naiz gero eta emakume gazte gehiago ari direla feminista gisa identifikatzen. Horrek ez du esan nahi Judith Butler irakurri dutenik, ezpada zerbaiten parte sentitzen direla, senez. Orain arte, Eskoziako kale eta erakundeetan ez da tokirik egon feminismoa lehentasuntzat jotzen duten emakumeentzat, eta etxe hori sortzen ari gara, feministak izan daitezen, eta independentziaren aldekoak, sozialistak...
RISE anitza da, RIko jendea dago, alderdi sozialistakoa, komunitateetako aktibistak, austeritatearen aurkako mugimenduko jendea, LGTBI eskubideen aldeko mugimenduetakoak... Abuztuan abiatu genuen, eta abenduaren 5ean egingo dugu gure lehenengo biltzar demokratikoa, egitura eta abarrak erabakitzeko. Emakumeen sarearen harira, proposamen bat egin nahi dut, beto-eskubidearekin lotuta. Uste dut badaukagula kultura politiko bat non gizonek egiten baitute lan ideologikoa, eta emakumeek aktibismoa. Errotik aldatu nahi dugu hori. Emakumeak nahi ditugu erakundearen buru, eta uste dut egingarria dela, eztabaida irabazten ari garela. Edonola den, sekulako sexismoa dago eta uste dut sexismo hori are okerragoa dela muturreko ezker mugimenduan.
Nola ikusten duzu datorrena?
Ez nago irabaztera ohituta: sozialista naiz, feminista, eta Eskozian bizi naiz, zer gehiago esan nezake? Normalean, nahiko ezkorra naiz. Hala ere, Eskozian zerbait ikusgarria gertatu da, mila puskatan hautsi da politika zaharkitua, eta erreferendumari esker norbere burua politikoki hezteko sekulako prozesua gertatu da: jendeak inoiz baino gehiago irakurri du, zalantzan jarri ditu politikariak eta hedabideak...
Ez dut erronka gutxiesten, baina bi urtez kanpainan aritu gara, estatu britainiarra hausteko asmoz, eta ez dakit bat ote dagoen hori baino gauza anbiziotsuagorik... Oraingo honetan ez baditugu parlamentariak sartzen, hurrengoan sartuko ditugu. Nolabait ere, sentitzen dut Pandoraren kaxa bat ireki dela: ideia berriak daude, jendea gauzak egiten... itxaropena daukat. | news |
argia-46d505120e44 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/galdu-dugun-mundua.html | Galdu dugun mundua | Eric Dicharry | 2015-11-29 00:00:00 | Galdu dugun mundua
Ama eta biok, gazte nintzelarik, astero, Bidarteko Kontresta deitzen den iturrira joaten ginen. Handik, aste batendako Iparraldeko kostaldeko ur onenetarikoa hartzen genuen. Egun batean, duela bizpahiru urte, nire seme eta biok berriz ber iturrira joan ginen. Han, ailegatzean, pankarta besterik ez genuen aurkitu. Pankartak zioenez, debekatua zen kostaldeko ur onenetarikoa izan dena edatea, kutsatua zelako. Ez dugu inoiz jakin errudunak nor izan ziren eta utzi genion Bidarteko ura edateari. Orain Ziburuko ur publikoarengandik konfiantzarik ez dugulako, astero, supermerkatura joaten gara ura erostera, pentsatuz bizitzeko borroka honetan beti ber irabazleak direla.
Otto eta biok, gazte nintzelarik, urtero, itsasoko armiarmak, lanpernak eta otarrainak jaten genituen. Behin, udazken goiz batez, Ottok ahapeka familiaren sekretuak erakutsi zizkidan. Han ziren geure altxorrak. Han ziren geure egiteko erak. Han ziren geure jaki apartekoak. Egun batean lanpernak hartzera joan nintzelarik boz madarikatu batek esan zidan aspaldidanik egiten genuena debekatu zutela. Geure familiaren transmisioa bertan behera gelditu zen eta semeari ez nion familiak belaunaldiz belaunaldi metatu zuen ondarea pasarazi. Ez dut inoiz jakin erredunak nortzuk izan ziren eta Miarritzeko lanpernak jateari utzi nion.
Aita eta biok, gazte nintzelarik, urtean zehar, Getariara surfa egitera joaten ginen. Han, hondakin gabeko ur kristalinoan, xantza genuelarik, marrazo urdinak ikusten genituen. Surf egin eta gero, itsas barraskiloak biltzen genituen eta harrotasun handiz familian partekatzera etxeraino eramaten genituen. Orain marrazo urdinak ez dira gehiago Getariatik pasatzen eta itsas barraskiloak biltzea beste hainbat gauzak bezala debekatu ziguten. Udaberri batean, itsasoaren kutsaduragatik bost aldiz segidan anginak izan nituen. Bata, azkena, angina-steptokoka diagnostikatua izan dena, gaizki zaindua izan zelako, alimaleko flemoia bilakatu zen. Oraindik gogoratzen naiz otorrinolaringologistaren eskalpeloaren ebakiduraz. Ez dut inoiz jakin bizi izan dudan minaren errudunak nortzuk izan ziren eta utzi nituen Getariako surfaldi zoragarriak.
Gaur egun ez dut gehiago lanpernarik jaten. Surfa baztertu dut. Itsas barraskiloen bilketak oroipenak bilakatu dira. Baina gauza berri bat hasi naiz egiten. Mundu garaikidea ikertzen. Mundua betiko desagerrarazi ziguten errudunen kontra borrokatzen.
Ezagutu genuen mundua betiko joan zaigu. Gero eta berdinagoa den munduaren aitzinean gaude. Klima aldaketaren emaitzen zain. Mundua betiko suntsituko duen azken neurrigabeko urakanaren zain. Apokalipsiaren zain. | news |
argia-a1e30fdfc966 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/alice-leiciaguecahar.html | �Herri Elkargoa plantan jartzeko kapable gara euskaldunok, oinarriak sendoak dira� | Mikel Asurmendi | 2015-11-29 00:00:00 | �Herri Elkargoa plantan jartzeko kapable gara euskaldunok, oinarriak sendoak dira�
Donibane Garazi, 1956. Europe Ecologie Les Verts (EELV) alderdiko kidea da. Akitania Eskualdeko kontseilaria eta berdeen eleduna Iparraldean. Akitania, Limousin eta Poitou-Charantes Frantziako hamahiru eskualde berrietako bat da. Ipar Euskal Herriko biztanleek eskualdeko kontseilari berriak hautatuko dituzte abenduaren 6an eta 13an. Alice Leiciagueçahar departamenduko zerrendaburua da. Akitaniako Kontseiluko Azpiegiturak eta Hezkuntza sailetan aritu da azken legealdian.
Zein da legealdiari buruzko berdeen bilana?
Berdeak PSko Alain Rousseten gobernuaren barnean aritu gara. Gobernuaren gehiengoa sostengatu dugu, oposizio lana eginez, oposizio baikorra betiere. Gobernuaren politika, oro har, eskasa izan da. Komunikazio esparruan lan egin du bereziki, funtsezko ekimenik ez du bururatu, alta, egin duen ñimiñoena handizki komunikatu du. Ekologistek ingurumenari buruz hainbat xede finkatu genituen. Gobernuak ikatzaren tasak eta klimari buruzko neurriak iragarri zituen, baina ez ditu bete. Enpresen baldintzak hobetzeko helburuak ere bazeuden, baina enpresen mozkinak ez dira emendatu.
Alain Rousset izanen da presidentea berriz ere eskualde berrian?
Ene ustez, bai. Frantziako presidentea eta Gobernua eskuinera aldatuko dira segurki, baina eskualde berrian Roussetek segituko du buru izaten, bere politika ez baita ezkerrekoa, sozialistek politika anitz eskuinarekin batera bozkatzen baitituzte.
Hori ez al da zure alderdiaren kontraesan bat?
Nolabait. Gure hautu politikoa da, ekologistek ez dugu igurikitzen gobernuan eragiteko beste molderik. Iraganean, berdeak gobernuen alternatiba izateko gisan izan ginen. Egun ez dugu gobernatzeko xantzarik, eta politikan beste gisaz aritzerik ez dugu ikusten. Herrien eta eskualdeen Europa eraiki nahi dugu, baina europar eraikuntzan estatuen arteko tirabirak batetik eta alderdi nagusiek botereari lotzeko nahia bestetik, ekologistek ez dugu aukerarik ukan. Ekologistak ez gara bakarrak beste Europa bat eraikitzerakoan. Hemen, Alain Lammassoure da horren adibidea. Alabaina, estatuen jakobinismoa indartu da Europako boterera heltzeko. Halaber, Parisko legebiltzarretan gure hautetsiek botere handiegia hartu dute. Boterearen esferetan arazo izugarria dago. Europan ari diren berdeak, berriz, errazago atxikitzen zaizkie alderdiaren xedeei.
Zer lortu duzue berdeek alderdi sozialistaren gobernua sostengatuz?
Gobernantzan gardentasuna nahi genuen, hautetsiek ukaiten dugun dirua lanaren arau izatea, hau da, ez bagara Kontseilura lanera joaten deus ez irabaztea. Zerbait lortu dugu, ez baitzen deus eginik. Ekonomia sozial eta solidarioan aurrekontua bikoiztu dugu, lekuko eragileekin aritzeko arau bereziak ezarriz. Klimari buruzko plangintza berria proposatu dugu, 300 neurri berrirekin, baita Prevoir pour agir (Ekiteko aurreikusi) liburua publikatu ere. Etxeetako energia arraberritzeko proposamen zenbait bete dira. Kanbo-Garazi arteko trenbidea berritzea lortu dugu; gauza handia da. Eskualdean arazo handiena SNCF konpainiarekin akomeatzea da, ez da erraza. Trenak kendu nahi dituzte. Trena erabiltzen dutenek arazoak dituzte. Tokiko tren arruntak dira eskualdean plantan ezarri behar direnak, baina ez dugu lortu oraino.
Zertan da AHTren proiektua?
AHTri buruz gatazkan aritu gara Alain Roussetekin, gu AHTren kontra gaude. Gobernuak AHTren aldeko mozio batzuk aurkeztu ditu eta eskuinak bozkatu ditu sozialistekin, komunistak barne. Berdeek ez dugu aski pisu eskualdean, baina gure ezetzari esker mozio horiek ez dira bozkatuak izan aho batez, eta proiektua ez da aitzina joan. Gure ordezkaritza ttipia da –85 aulkietatik 10 ditugu– baina rol garrantzitsua jokatzen dugu. Ez du irudi, baina oposizioko gure politikak eragin du.
Txosten ofizialak AHT ez dela egokia dio, baina proiektua aitzina doa.
Maleruski. Hasteko, zertarako egiten dira inkesta horiek, jendearen gehiengoa kontra agerturik ere, gero ez badira errespetatzen? Gizartearen gehiengoak ez du AHT nahi, baina ezarri nahi dute. Hor defizit demokratikoa dago. Laborantzarako lurrak suntsitzeaz gain, proiektuak alimaleko defizitak ekarri ditu jada. Estatuen Europa eraiki ahala, hiri handiak hurbildu nahi dituzte, alta, haien artean hutsune izugarriak gelditzen ari dira, hurbileko herrien arteko biztanleen komunikazioa galtzen ari da. Adibidez, Baionatik nahi baduzu hiri handi batera joan, denboran azkarrago da lehenik Parisera joatea eta handik Marseillara. Hemendik Marseillara joatea biziki konplikatua da. Erotzeko gisan gaude. Estatuaren zentraltasuna are gehiago indartzen ari da.
Zer iritzi duzu Akitania, Limousin eta Poitou-Charantes eskualde berriaz?
Frantziako Estatua kontzentrazioan eraiki da. Zentraltasuna Parisen finkatua izan da orain arte, eta geroan, eskualde berrien bitartez ezarriko da. Oraingoa ez da okerragoa izanen, baina hobea ere ez. Eskualde handi horien bidez Parisek botere pixka bat galduko du eta Bordelek irabaziko, beraz, hori ez da deszentralizatzea. Nik ez nuke eskualdea handituko. Departamendua kendu ondoren, eskualdeek botere gehiago hartuko dute, horregatik euskaldunok beharrezkoa dugu Lurralde Kolektibitatea.
Euskal Kosta-Aturri hirigunea Herri Elkargo bakarraren kontra agertu da.
Hiri handietako hautetsi horien politika egoista da. Hirigune azkarra nahi dute eta laborantza munduko herriak alde batera utzi. Alta, baserriaren beharra baloratu beharko lukete. Barazkiak nork lantzen ditu, nork kabalak hazten? Gizartea elkartasunez behar da eraiki. Auzapez horiek ohartu behar lukete gizarte zibila eta hautetsien gehiengoa aspaldi ari garela elkarrekin lanean, alderdi guztietako hautetsiak gaudela desmartxa horretan. Iraganeko politikari notable en garaia fini da.
Euskal instituzioa egingarria ikusten duzu?
Herri Elkargoa plantan jartzeko kapable gara euskaldunok. Elkargoa eraikitzeko auzapez bakoitzak boz bat dauka, eta aukeratzeko mekanismoak molde orekatuan jarri dira. Orain diren bitartekoekin euskal instituzioa erdiesteko oinarriak sendoak dira, ni baikorra naiz.
Zein da ekologisten ekarpena Iparraldeko politikan?
Guk ez dugu anitz hautetsi herrietan. Herri Elkargoak ez digu ekologistei ordezkari edo botere gehiago ekarriko, baina Euskal Herriarentzako instituzioa aldarrikatzen dugu fermuki. Instituzioa eraikitzeko prozedura gure politikaren ikusmoldean sartzen da. Abertzaleek Euskal Herriko politikari ematen diote lehentasuna, gu berriz, Estatuaren eta Europaren eskalan ari gara ikuspuntu ekologistatik. Alderdien artean ez dugu harreman organikorik, baina gizarte kolektiboetan ari gara. Adibidez, hor dugu Bizi! mugimendua, ez da lotzen ezein alderdi politikori, denei irekia da. Horrelako mugimenduak beharrezkoak dira. Alta, guk gizarte mugimenduei eskatzen diegu alderdi politikoen ordezkariekin harremanak izatea, hautetsiak instituzioetan ari direlako, ontsalaz herritarren nahiak erdiesteko. Berdin laborarien munduan. Lurrama azoka izan berri da, eta ekologistek ere ardura hartu dugu. Arazoa da, jende anitz ekologisten alde izanik ere, horiek ez doazela bozkatzera, sistemaren aurkakoak direlako. Hautu bat da, baina sistemak aurrera segitzen du beren boza kontuan hartu gabe. Hor arazo handia daukagu. Sistema politiko hau ez da nahi genukeen bezain demokratikoa, ados, baina, maleruski jende anitzek eskuin muturrari boza ematen diote, gizarte gaietan inolako inplikaziorik hartu gabe.
Eskualdea handituko dela kontuan harturik, nola ikusten duzu Akitania-Euskadi mugaz gaindiko erakundearen bilakaera?
Akitania-Euskadi funtsean Ipar Euskal Herriaren gainetik pasa da. Guk, hala ere, organismo horretan lan egin dugu, ez baita aulkirik hutsik utzi behar. Lehen Lot-et-Garonne, Dordoina eta Hegoaldearen arteko lotura nekeza bazen, orain Limousin eta Poitou-Charentes barnean badaude, herritar askok ez daki zein eskualdean dauden. Ez dute deus ikustekorik Euskal Herriarekin, horregatik Hegoaldeko gobernuekin harreman normalizatua izateko funtsezkoa da Euskal Herri Elkargoa ukaitea. Orain arteko eskualdea handiegia izan bada Euskadirekin harremana sustatzeko, bada aurrerantzean gaitzagoa.
EH Baik zuria bozkatzera deituko du. "Ipar Euskal Herriak eskualde handi horretan lekurik ez du", erran du.
Errespetatzen dut beren deliberoa. Alabaina, ezin dugu Kontseiluan hartzen diren deliberoei kasu ez eman, gu horren barnean gaude. Eskualdeko gobernuak erabakiak hartuko ditu gure eguneroko beharrei buruz. Ez badituzu ordezkariak hautatzen, beste batzuek hartzen dute zure aulkia. Beste hautetsiek beren politika ezartzen dute, enetako dolugarria da EH Bairen hautua. Abertzaleek indarra hartu dute. Azken herri bozetan hautetsi anitz irabazi dute eta eskualdean ere entseatu beharko lukete.
Agian ez dute normaltasun politikorik ikusten. Bake prozesuari lehentasuna eman nahi diote.
Alta, ekologistak lurraldearen egituraketan ari gara, baita Euskal Herriak behar duen bake prozesuan ere. Anitz gauzetan ari gara lanean alderdi guztiak elkarrekin. Frantzian ez da beste inon hori ematen. Beraz, oraingo bozketatik kanpo geratzea domaia da. Gu anitz gauzetan ados gaude EH Bairekin. Borroka armatuaren aroa ez da horrela gelditu behar, gatazka ez da bukatzen batek bestea zanpatuz eta ezagutu gabe. Horrela eginez gero herra gelditzen da, gatazka noiznahi berpizten ahal da. Gatazken historian sekula ez da horrela egin. Gerlaren ondoren bakealdia finkatzeko lehenik elkarrekin mintzatu behar da biktima guztiak ezagutzeko. Beraz, bi estatuek bizikidetza sustatuko duen prozesuan parte hartu behar dute absolutuki. Baina arranguratua naiz, estatuek oldarrean segitzea nahiago dutela iruditzen zait. | news |
argia-46e7a5f2ab01 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/pascual-molongua-bilboko-kale-abeslaria.html | "Bilbon karrera amaitzen duten artistei errebeldia falta zaie kalean kantatzeko" | Jabi Zabala | 2015-11-29 00:00:00 | "Bilbon karrera amaitzen duten artistei errebeldia falta zaie kalean kantatzeko"
Ekuatore Ginean jaio eta duela 45 urte etorri zen gurera Pascual, Bilboko Zazpi Kaleetan aurkituko duzun crooner-ik bertokoena. "Agur potxolooo" ozen batekin agurtu ohi ditu lagunak eta turistak. Armstrong edo Nino Bravo bezala, Lertxundi eta Laboa kantatzen ditu ahots urratu baxuarekin. Gabonetan Baltasar eta inauterietan Zarambolas izana da, bilbotar petoentzat erreserbaturiko ohorea.
Non duzu sorlekua?
Ekuatore Ginean, Ekuku ibaiaren bokale ondoan, Batatik kilometro gutxira. Gauerdian jaio nintzen, eta itsasoa oso zakar zegoen, amak kontatu zidanez. "Haur hau musikaria izango da" esan zuten emakume zaharrek... Eta horixe, bizitza osoa musikaren inguruan eman dut. Aste batzuk geroago Malabora eraman ninduten, aitak bertan egiten baitzuen lan, administrazioarentzat.
Zu zer etniatakoa zara orduan?
Kombe naiz, baina jaio nintzen gunean gehiengoa fang da. Ndowe hizkuntza da gurea eta Bartzelonan dudan anaia txikiarekin mintzo naizelarik gure hizkuntzan egiten dut. Baditut osaba eta izekoak, eta horiekin ere gure hizkuntzan mintzatzen naiz. Kombera eta katalana egiten dute haiek. Nire seme-alabek, aldiz, ez dute inoiz egin, hitz solteak baino ez, hemen hiztun bakarra izan naizelako, baina familiarekin mintza daitezen nahi nuke.
Koloniaren garaian etorri zinen estreinakoz...
Bai, 1965ean etorri nintzen lehenengoz, ikasle batzuk metropolia ezagutzera ekarri gintuzten, nota onak ateratzeagatik. Gero berriz 70ean bueltatu eta hemen geratu nintzen, 20 urterekin. Bilboko kontserbatorioan sartu nintzen ikasle, bertan ziren Torre Lledó eta Mari Cruz Soriano... Madrilera joan nintzen gero, goi kontserbatoriora, baina ez nuen hango giroa maite. OLBEren abesbatzan egon nintzen, baina aspertzen nintzelako utzi nuen eta bizitzeko beste musika bat egin behar nuela pentsatu nuen.
Orduan oso beltz gutxi Bilbon, Jonestarrak zeuden...
Horiek izan ziren lehenengoak [Miguel Jones, Ekuatore Ginean jaiotako futbolaria], Benjamin ere bazen ginearra, Gobernu Zibilean zegoen estranjerian lanean, Ndongo ere, ogasunean lan egiten zuena, anaia zenaren lagunak ziren denak. Bera, Gabino, izan zen lehena Bilbon Gabonetan errege magoen postari lana egiten El Corte Inglés zabaldu zenean. Gero nik erreleboa hartu nion, egun 40 edo 45 urte dituzten gehienak altzoan izan ditut haurrak zirela.
Lanean hasi zinen orduan?
San Inazioko portura joaten nintzen goizetan, barkuak deskargatzera. Bertan, Gineatik zetozen platanoak ikusten nituen… Baina patroiak beti: "Moreno, al carbón" esan eta ikatz zakuak deskargatzera bidaltzen ninduen, beltza nintzelako. Iraganeko oroitzapen asko dauzkat, baina egungoa bizitzea nahiago dut. Denetarik egin dut, baina ez naiz inoiz kexatu.
Kale abeslaria bihurtu zinen gero.
34 urte daramatzat kalean abesten. Gitarra batekin hasi nintzen, geroago kasete batekin eta egun daramadan guztia digitala da. Ingelesez hasi nintzen, euskaraz ondoren…
Ez omen da estimatua hemen kale abeslaria.
Ez, ezagutzen nauten batzuk, kalean ikusten nautenean, lotsatu eta espaloiz aldatzen dira... Ni konturatzen naiz, baina seme-alabei beti esaten diet jendea ez epaitzeko. Albert Hammond, Caruso, Sabina… Horiek guztiak kale abeslariak izan dira. Gainera, Frantzian eta AEBetan kaleko artisten sindikatuak daude, baina Bilbon, karrera amaitzen duten artistak non daude? Zergatik ez dira kalean aritzen? Errebeldia artistikoa falta zaie kalean jartzeko.
Arrazakeria sumatu duzu inoiz?
Bai, baina burua hotz mantendu behar da, entzun, egoera aztertu, zu baino gehiago dela uste duen pertsona bat izaten da… Saiatzen naiz bizipen horiek seme-alabei ez transmititzen. Begira, gu Espainiaren probintzia bat ginen, baina noiz entzun duzu zerbait positiboa Ekuatore Gineako futbolari, ingeniari, mediku bati buruz? Ezer ez! Izan baziren, baina… Niri neuri, maiz paperak eskatzen ibili zaizkit, inoiz arazo gogorrak izan ditut burokraziarekin.
Egun Williams dago Athleticen, garai batean Jones ez bezala.
Jonesek Indautxun jokatu zuen baina Athleticek ez zuen fitxatu, bizkaitarra ez zelako. Atlético de Madriden eta selekzioan ere jokatu zuen. Hona bi aste zituela ekarri zuten, baina orduan baziren beste politika batzuk Athleticen. Gaur ez zen hori gertatuko. Lagun batzuek esaten zidaten "Williamsek jokatzen duenean karnetak apurtuko ditugu" eta orain, pozik, "nola jokatzen duen Williamsek!" diote. Nik ez dut animatzen Williams beltza delako, tabu bat hautsi delako baizik.
San Mamesen izan zinen Gure Esku Dago ekimenean.
Bai, gero batzuk tonto jarri zitzaizkidan, hor parte hartu nuelako. Nik esan nien: "Hara, Iribar nire anaia nagusiaren lagun handia izan da eta, gainera, niretzat harro egoteko motiboa da horra deitu izana". Behinola, etorkin aitzindarioi sari batzuk eman zizkiguten Euskaldunan eta baten bat haserretu zen argazki berean PPko batzuk ageri zirelako. Nik denetariko jendea ezagutzen dut, eta lehenengo lagun euskaldunetarikoa Jon Idigoras izan nuen. Urtero, errege magoen postari lanean ibiltzen nintzela, bera beti hurbildu eta agurtzen ninduen. | news |
argia-814478280c1e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/komikilariak-errekondoren-kontsultan.html | Komikilariak Errekondoren kontsultan | Jakoba Errekondo | 2015-11-29 00:00:00 | Komikilariak Errekondoren kontsultan
Barazkiak ez dira haragikeriatan aritzen eta lizun kontuak kalte besterik ez. Azal kontua da beraiena; azala lodia izanagatik ere sekula ez axaletik... Larrurik ez, baina azala jo eta jokatzen dute, baita bestearen azalean jarri ere.
Barazki gehienek bi sexuak dituzte batera; hortik kontuak atera. Nahieran molda daitezke: nor bere buruarekin, binaka, hirunaka, multzoka, zientoka... Ez dute gure txorakeriarik eta gutxiago aldamenekoen bedeinkazio beharrik. Gehienetan bitartekariak eta estalgileak erabiltzen dituzte, axola handirik gabe. Erle, liztor, kakalardo... asko dira Zelestina izeneko "maireurrak". Harremangin artekari artetsuak. Hartu eta eman ez noski, eman eta hartu. Baratzearen oinarria hori da, eman eta hartu. Gaur artekoa bezala etorkizuna.
Porrua eta azenarioa, aspaldiko lagun, ederki itzulikatzen dira. Patata, kanpotik etorritako lurpeetako fruitua, biek joko dute, begiz. Gure porrusaldako hiruren artekoaren bekaitz dira Europa osoko sukaldeetan. Olioak errazten du, baina Ezpeletako piperdun labaintzailea dute, hirurek, gustukoen. Min punttua duen porrusalda janez gero neuk ere igartzen diot festari... | news |
argia-1589f373335b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/emakume-bat-ilargian.html | Emakume bat Ilargian | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-11-29 00:00:00 | Emakume bat Ilargian
Ilargia, 1960ko uztailaren 20a. Apollo 11.a Ilargiaren azalera iritsi baino hiru minutu lehenago, ontziko ordenagailuaren alarmak abian jarri ziren. Ordenagailua gainkargatuta zegoen, datuak jaso eta jaso ari zelako. Ilargiratzeko beharrezkoa ez zen radar sistema bat, ezustean, ordenagailuaren kontagailuetako bat eguneratzen hasi zen. Misioa pikutara joateko bidean zen.
Baina Apollo 11.aren hegaldiko softwarea, lehenengoz, exekutatze asinkronoa erabiliz garatuta zegoen. Modu ulergarrian esanda, ordenagailuak behar bezala lanean jarraitu zuen, lehentasunezko lanekin aurrera egin eta hain garrantzitsuak ez ziren jarduerak eteteko diseinatuta zegoelako. Margaret Hamiltonek (Paoli, AEB, 1936) hala diseinatu zuelako.
Unibertsitatean matematika ikasi ondoren, ibilbide profesionala bigarren hezkuntzan abiatu zuen, matematika eta frantses eskolak ematen. Matematika abstraktua ikasten jarraitzeko asmoa izan arren, 1960an eguraldia aurreikusteko softwarea garatzen hasi zen Massachussettseko Teknologia Institutuan. Artean, software ingeniaritza ez zen diziplina gisa existitu ere egiten. Izan ere, Hamiltoni berari egozten diote software engineering kontzeptua erabiltzen hasi izana. Berak eta bera bezalako aitzindariek ibili ahala egin zuten bidea. Eta bide horrek, hiru urte geroago, NASAra eraman zuen.
Han AGCren (Apollo Guidance Computer) softwarea garatzeko lantaldean jardun zuen eta, aurrerago, Apollo eta Skylab misioen software programazio zuzendari izango zen. Eta, jakina, 1969ko uztailaren 20an berak sortutako software asinkronoak Apollo 11.a porrotetik salbatu zuen. 1971n, gutun batean, Hamiltonek hau idatzi zuen udako egun historiko hari buruz: "Ordenagailua –hobeto esanda, ordenagailuaren barruko softwarea– bete behar zituenak baino zeregin gehiago eskatzen ari zitzaizkiola konturatu zen. Orduan, alarma abian jarri zuen. Astronautentzat hauxe esan nahi zuen horrek: Gainkargatuta nago, egin behar nukeena baino gehiago egiten ari naiz, eta zeregin garrantzitsuenekin bakarrik jarraituko dut. Ilargiratzeko beharrezkoak zirenekin, alegia. Baina, ordenagailua ez zegoen soilik akats-baldintzak antzemateko programatuta. Kasu honetan, lehentasun txikiko zereginak ezabatu eta garrantzitsuenak berrezarri zituen. Ordenagailuak arazoa antzeman eta konpondu izan ez balu, duda egiten dut Apollo 11.aren ilargiratzea arrakastatsua izango zenik".
Guztira hamabi gizakik zapaldu dute Ilargia, denak gizonezkoak. Beraz, Margaret Hamiltonek ez du sekula gure satelite naturalaren azalean ibili, baina harengatik ez balitz, 1960ko uztailaren 21ean, ontziak lur hartu eta biharamunean, Neil Armstrongek ez zukeen berarentzat hain txikia eta gizadiarentzat hain handia izan zen urrats hori emango. | news |
argia-3d09e9144bee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/diskoa.html | Etxean arrotz | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-11-29 00:00:00 | Etxean arrotz
Azken urteotako lanaren emaitza da Atx!, Unai de la Iglesiak eta Ibon Rodriguezek osatzen duten Eten bikotearen bosgarren lan luzea. Grabazioan Unaik bateria jo eta abestu egin du, eta Ibonek gitarra jo, abestu eta grabazioa eta aurre-nahasketak egin ditu. Beste bi lagunek parte hartu dute egitasmoan: Tzesne musikariak ekoizpena egin du eta Jon Martin marrazkilaria diseinu lanez arduratu da.
13 abesti frenetiko entzun daitezke 27 minutuan. Hardcore pieza gordinak eta bortitzak, energia erauntsiak, zaratak, giro iradokitzaileak, une bitxiak, bateria kolpe eroak, errepikapenak, esperimentazioa, inprobisazioa, oihuak eta ohiko kantuen eskema jakinen suntsiketa saioak. Nolabait esateko, ez dira edonon entzun daitezkeen doinu arruntak. Musika baino gehiago jarrera bat da, adierazteko modu bat. txATXuaren kalejira kantuan, esaterako, "Ez zara inoiz sentitu arrotz zure etxean bertan? Ez ote zara zeu izango sobera dagoena?", diote. "Non daude zure printzipioak? Begiratu zure zapaten zolan", mATXiruloaren ATXimurra kantuan. "Ez salatu, izan zintzo!", txintxoaren mehATXua kantuan. "Zure izerdia politikoa da, zure taupadak politikoak dira, zure ohea politikoa da, zure algarak politikoak dira, zure malkoak politikoak dira, zure musika politikoa da", AT kantuan. "Zure jantziak politikoak dira, zure mozorroa politikoa da, zure ametsak politikoak dira, zure etxea politikoa da", X! kantuan.
Atx! lan ederra da, biribila, artelan bat, doinuz, hitzez eta irudiz ongi landua eta osatua. Binilozko euskarrian eta CD moduan eskura daiteke. Binilozko aleak eskuz belztu eta serigrafiatu dituzte. Halaber, doan deskarga daiteke nola artoartian.org hala etentaldea.net web helbideetan, herriko(p)ia lizentziapean.
1998an Nerbioi ibaiaren ezkerraldean, Bizkaian, sortu zen Eten taldea. Bi kide dira gaur egun, zenbait urtetan hirukote bezala jo ostean. Le Noise, Manett, Mursego, Xabier Montoia, Cordura, Vinagre, The Extended Plays eta beste hainbat taldetan ere aritu izan dira Unai eta Ibon. Etenen jendaurreko emanaldietan bateria, gitarra, tronpeta eta bestelako musika tresnak erabiltzen dituzte.
Beren piezek dardarazi egiten naute, bizkortu, suspertu, eta oso gustura entzuten ditut. Azken aldian, gehien harritu nauen lana da Atx! . Haize freskoa nire belarrientzat. | news |
argia-69d390459d0b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/xanta-sousa-santos-txinga-eramalea.html | "Askorentzat txingak bi burdin puska baino ez dira, niretzat oso garrantzitsuak dira" | Reyes Ilintxeta | 2015-11-29 00:00:00 | "Askorentzat txingak bi burdin puska baino ez dira, niretzat oso garrantzitsuak dira"
Brasilgo lesakarra eta Lesakako brasildarra. Egoskor heldu die mota guztietako kirolei, futbolari, sokatirari, aizkorari, eta bereziki txingei. Burugogorkeria berarekin aritu da ikasten gaztelania, euskara eta frantsesa.
Zer dela eta Xanta?
María Do Amparo da nire izena. Brasilen beti "Santa" deitzen zidaten, han ohikoa delako ezizenak erabiltzea. Hemen, aldiz, esaten zidaten ni "santa" ez nintzela eta Xantarekin gelditu nintzen.
Zer oroitzapen dituzu txikitako garaitik?
Hamar anai-arreba izan ginen. Orain zortzi gelditzen gara eta ama izan da beti niretzat garrantzitsuena. Gu hango baserri batean bizi ginen eta gauza askotan, hemengo baserriekin alderatuta, oso antzekoa zen.
Txingak, adibidez, niretzat oso bereziak dira, haurra nintzeneko lanak gogora ekartzen dizkidatelako. Ura eta esnea eramaten genuen pertzetan. Esnea baserri batetik bestera, agian Lesakatik Berarainoko tarte luzean. Eta ura. Aspaldi hartan etxeetan urik ez zegoen eta errekara joan behar izaten genuen bila. Txikitan ez zitzaidan batere gustatzen pisua eramatea, eta orain begira! Bada bizitzako kointzidentzia moduko bat.
Hango eta hemengo baserri giroa, beraz, antzekoa?
Bai, baina hemen gehiago probesten da lurra. Horretaz ohartu naiz, bai. Han baserrietan bizi direnek edo aurreko belaunetako pertsonek, nire gurasoek adibidez, bai. Baina jende gazteak edo betiko baserrietan bizi ez direnek ez dute lurra lantzen hemen bezala. Hemen etxe ondoan lur puskarik baduzu, baratze txiki bat jartzeko sikiera probesten duzu. Han Brasilen lur pila dugu, doan, eta jendeak ez dio atarramenturik ateratzen.
Animaliak ere bazenituen?
Bai: behiak, txerriak… denetik. Nire bi anaiek eta gurasoek oraindik jarraitzen dute baserrian. Egia esan mundu horrek asko erakartzen nau.
Noiz etorri zinen Lesakara?
Orain dela 18 urte, 24 nituela. Adin horretan oso ausarta zara eta dena dakizula iruditzen zaizu. Baina ni ez naiz batere damutzen, dena oso ongi atera zaidalako. Hasieran une txarrak izan nituen, ez jendearengatik edo tokiarengatik, baizik eta familia falta sumatzen nuelako, gurasoak bereziki. Eta lagunak. Hasieran ume bat bezalakoa zara eta hutsetik hasi behar duzu dena ikasten: hitz egiten, zeure kabuz ibiltzen… Nire suertea izan da gure amak betidanik erakutsi izan digula geure kasara moldatzen.
Ama zu bezain saiatua da?
Bai. Oso borrokalaria. Hamar ume izan zituen bata bestearen jarraian, baserrian, eta aurrera atera zuen familia osoa. Fenomeno bat da. Gogoratzen dut goizaldeko lauetan altxatzen zela guretzako eskolara joateko arropa, janaria… dena prest uzteko, besteen baserrietara lanera joan baino lehen. Aitak ere lan egiten zuen asko, baina amarentzat zen kanpokoaz gain, etxeko lan guztia. Han gizonak iritsi eta janaria behar zuten prest, eta platerean jarrita. Seme-alabok ez gara inoiz izanen ama bezalakoa. Bere mailara ez gara inoiz iritsiko.
Gurasoak ikusten dituzu?
Urtero joaten naiz eta gehiagotan joan nahiko nukeen arren, kontent nago jende guztiak ezin duelako halakorik egin. Oso garestia da bidaia eta gainera denbora behar duzu. Urtarrilean joaten naiz, hilabete osorako, eta probesten dut denbora guztia haiekin egoteko. Suertea dut nire nagusiak opor guztiak jarraian hartzeko aukera ematen didalako. Izugarri eskertzen diot. Hemen nagoenean hara joan nahi dut eta han nagoelarik beti ari naiz pentsatzen zer moduz joanen diren gauzak hemen.
Nola izan zen hona etortzea?
Senarra han ezagutu nuen. Lesakarra da eta hara joaten zen oporretara. Elkarrekin ibiltzen hasi eta handik denbora batera esan zidan ekarri nahi ninduela hemengoa ezagutzeko. Ezetz esan nion. Etxean ere denek esaten zidaten ez joateko. Ez fidatzeko. Izugarrizko buruko minak ematen zizkidaten batzuek eta besteek. Handik urtebetera ezkontzea proposatu zidan eta onartu nuen, ikusten nuelako hori jada egoera desberdina zela. Eta etorri ginen. Lehenbiziko sei hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Zailena, hizkuntza jakin gabe, jendearekin komunikatzea izan zen. Senarrak portugesez daki eta berak laguntzen zidan, baina bera ez zegoenean oso gaizki pasatzen nuen.
Ni etorri nintzen garaian oraindik ez zegoen kanpotarrentzako gaztelania ikasteko eskolarik eta kasualitatez Iruñean, Caritasen, aurkitu nuen aukera. Astean bitan joaten nintzen klasera, eta izugarrizko hotza pasatzen nuen autobus geltoki zahar hartan, bi orduz autobusaren zain egon behar izaten nuelako. Sei hilabetez aritu nintzen klaseetan eta poliki-poliki hasi nintzen konturatzen gero eta gauza gehiago ulertzen nuela. Niretzat esnatzea bezalakoa izan zen. Egun batean konturatzen zara telebista piztu eta ulertzen duzula, bolumena dena emanda jarri gabe. Telebista, irratia, bihotzeko aldizkariak, liburuak… ai ama! Pio Barojaren zenbat liburu irakurri dudan nik!
Gaztelaniaz ongi eta zuzen hitz egin nahi dut, baina nire doinua galdu gabe, nire identitate-marka modukoa baita. Ni neu izan nahi dut. Nire nortasuna mantendu nahi dut eta besteena errespetatu.
Kirolak lagundu zizun Lesakan zure tokia bilatzen?
Bai, zalantzarik gabe. Familiatik urrun egonda, hona etorri nintzenean huts hori beteko zuen zerbait behar nuen. Abesbatzan sartu nintzen, adibidez, baina ez ninduen asetzen. Hala ere, zortea izan nuen koruko neska batek sokatira taldea egin behar zutela eta ea probatu nahi nuen galdetu zidalako. Haren bidez hasi nintzen herri kiroletan. Nik ez nekien zer zen hori eta gainera garai hartan ez zegoen egun bezain zabaldua. Hala egin nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Hori zela nik bilatzen nuena sentitu nuen berehala. Han Brasilen kirol asko egiten nuen eta talde honetan oso giro sano eta polita aurkitu nuen. Taldekoen artean ez dago lehiarik. Denek denei laguntzen diete eta familiak eta lagunak ere hor egoten dira beti animoak ematen. Niretzat familia handi bat da. Ni oso behatzailea naiz eta hori da lehen unetik ikusi dudana.
Zer erakutsi dizu kirolak?
Asko. Beti nahi duzu zeure burua gainditu, zure marka berriak ezarri. Izugarri gustatzen zait. Horrela hasi nintzen sokatiran, oso gustura, baina lastima ezin izan dugula jarraitu, jende faltarengatik. Batek huts egiten badu eta ordezkorik ez badago, akabo taldea. Haurrengatik edo lan arrazoiengatik askok utzi behar izan dute. Lehiaketak asteburuetan izaten dira beti eta batzuetan egun gehiago luzatzen dira eta batzuentzat hori ez da lanarekin bateragarria.
Horrela nenbilela sortu zitzaidan txinga eramatean parte hartzeko aukera. Neska bat behar zuten eta han joan nintzen ni. Lehenengo aldian ez nintzen batere gustura gelditu, baina kirol honek bereganatu egiten zaitu.
Eta aizkorarekin hasi zara?
Bai. Zailagoa da, baina hori da etorkizunerako dudan erronka. Oso burugogorra naiz eta lortu behar dut! (kar kar kar). Ez da indarra soilik, teknika eta erreminta ongi erabiltzea oso garrantzitsua da.
Eta arpanarekin ere ongi moldatzen zara.
Bai, baina ez nau betetzen bereziki. Egin behar bada, egiten dut, baina nire benetako amodioa txingekin aritzea da. Ez daude baloratuta. Jende askorentzat bi burdin puska baino ez dira, baina niretzat oso garrantzitsuak dira. Hau da benetan gustatzen zaidana.
Zein da zure marka?
40 kilo esku bakoitzean, baina txapelketetan 25 kilo eramaten dugu esku bakoitzean.
Eta hori nola lortzen da?
Teknika oso garrantzitsua da: jakin behar duzu nola heldu txingari. Hasieran hatzek mina ematen dizute. Gero lokartuta gelditzen zaizkizu eta ez dituzu sentitzen. Orduan pentsatzen duzu, ea zenbat kilo eramateko gauza naizen. Zeure buruarekin borrokatzen duzu. Ez dut inor baino gehiago izan nahi, neure burua, neure muga, gainditu nahi dut beti. Ni neu izan nahi dut.
Entrenamenduak Oronozen?
Bai, Patxi Larretxearekin. Oso polita da, baina gogorra ere bai. Gainera, ez pentsa lanetik atera, hara joan eta besterik gabe entrenatzen hasiko zarela, ez. Lehenbizi enborrak prestatu behar dira aizkorarako, gauzak garbitu… Patxi mendian aritzen da lanean goiz osoan, bostetatik edo lehenagotik, eta arratsaldean etortzen da entrenamendu saioak zuzentzera. Gehien miresten dudana gizon honek duen energia ikaragarria da. Goizaldeko lauetan altxatu, egun osoan jo eta ke lanean, eta arratsaldean oraindik duen bizitasuna izugarria da. Dena prestatu ondoren, beroketa egin eta entrenamendua hasten da. Astean bi edo hiru aldiz biltzen gara. Gehiagotan joan nahi baduzu zure esku dago, Patxi eta Donato anaia, hor egoten baitira egunero.
Beste kirolik egiten al duzu?
Asko ibiltzen naiz mendian, bizikletan… Korrika egitea ez dut gustuko urduri jartzen naizelako. Lehen futbolean aritzen nintzen, baina inork ez du nirekin jolastu nahi nahiko basatia naizelako eta arerioen hankek asko sufritzen dutelako nire erruz. Brasilen asko jolasten nuen.
Euskara ikasi duzu.
Ari naiz. Kiroletan hasi eta gero heldu zen euskararena. Kuadrillarekin, lagunekin, dena beti euskaraz egiten zen eta niri ez zitzaidan batere gustatzen itzultzailea eduki behar izatea. Gauzak nire kabuz ulertzea gustatzen zait eta horregatik sartu nintzen euskaltegian. Oso jende atsegina ezagutu nuen eta haiekin sagardotegietara joaten gara, ateraldiak egiten ditugu. Interesgarriena da egoera bakoitzetik onena ateratzea.
Eta ondoren frantsesa.
Hala da. Ibardinen hasi nintzen lanean lan finko bat behar nuelako Brasilera bidaiak egiteko. Esan zidaten Ibardinen lan egitea oso gogorra zela eta gainera frantsesa jakin behar nuela. Eta esan nuen: "Oso ongi, beste erronka bat gehiago". Orduan hasi nintzen klase partikularrekin eta gero Irungo Hizkuntza Eskolan. Hamabost urte daramatzat jada Ibardinen.
Zer egiten duzu han?
Jendaurrean egiten dut lan dendan, arropa, oroigarriak… denetik saltzen. Ibardin oso leku ederra da. Hori da Nafarroak duen gauza izugarri ona: paisaiak, ikuspegi ederrak. Errepidea oso bihurria da, baina gu ohituta gaude. Alde positiboa begiratu behar da beti. Ni pribilegiatua sentitzen naiz halako toki ederrean lan egiteagatik. Ordubete izaten dut bazkaltzeko eta eguraldi ona dagoenean gustura egoten naiz paisaiei so eginez.
Aisialdian zer egiten duzu, kirolaz gain?
Dantza egin lagunekin, afaltzera joan. Herri Kirol taldearekin ere ateraldi politak eta otordu bikainak egiten ditugu. Ez dakit zergatik, baina hemen dena amaitzen da mahai baten inguruan.
Haurrik ez duzu?
Ez. Orain jada ez du zentzu handirik. Garai batean hango bi ume, Mateo eta Jessica, adoptatu nahi izan nituen hona ekartzeko, baina traba pila jarri eta gainera familiak diru asko eskatzen zidan. Pena hori daukat, baina bizitzan ezin da dena izan. Joaten naizenean haiekin egoten naiz.
Alde handia al dago Brasil eta Euskal Herriko jendearen izaeren artean?
Bi mundu desberdin dira eta ezin dira konparatu. Han klima oso bestelakoa da. Tropikala da eta beroa egiten du beti. Horrek markatzen ditu asko jendearen izaera eta ohiturak. Hemen ere uda partean kaleak, terrazak, jendez beteta egoten dira, festa pila izaten da. Hotz egiten duenean, aldiz, dena aldatzen da. Hori da hemengoa eta ezin da aldatu. Zer tristea litzatekeen natura bera aldatu ahal izatea. Espero dut inoiz ez gertatzea.
Brasilen oso irekiak gara, izugarri gustatzen zaigu musika eta egunean bizi gara. Etxera joan baino lehen beti duzu aukera lagunekin egoteko eta trago bat hartzeko, baina hango klimak horretarako aukera ematen dizulako. Han goizeko bostetan erabat argi dago. Zazpietatik aurrera jende pila aritzen da kirola egiten. Brasil kirolaren herrialdea da. Sakratua da eta sasoian egotea oso garrantzitsua da jendearentzat.
Estetika edo osasunarengatik?
Estetikagatik, bereziki. Baina toki guztietan bezala denetik dago, ez soilik gorputz lirainak. Lodiak ere badira, eta gero eta gehiago. Kirol pila egiten da, gustuko dugulako. Irekiak ere bagara, baina komatxoen artean.
Zer esan nahi du horrek?
Turistari irudituko zaio denak oso alaiak direla, baina pertsonak nolakoak diren ezagutzeko haiekin behar da bizi. Ez nuke esanen hemengo jendea hotza eta itxia denik. Hemengo izaera da, besterik ez. Kanpotik datorren pertsonaren jokamoldearen araberakoa da hori ere. Zu ixten bazara, gaizki zoaz. Saiatu behar duzu jendearekin harremanetan jartzen. Horrek ez du esan nahi, noski, inori zapatak miazkatu behar dizkiozunik, ezta gutxiago ere. Zeu izan behar duzu baina besteenera irekitzen saiatuta. Nik errespetatzen zaitut zaren bezalakoa eta zuk ni errespetatu. Horiek dira jokoaren arauak. Jarrera kontua da. | news |
argia-84f1cfd9a5c8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/bi-sasoi.html | Bi sasoi | Edu Zelaieta Anta | 2015-11-29 00:00:00 | Bi sasoi
Gero eta okerrago daramatzazu eguraldiaz entzuten diren ohiko komentario batzuk. Hemengo eguraldiaren ustezko eskasa salatu nahi duten adierazpen zozoek petraltzen zaituzte gehien: "Hemen ez dago udaberririk, negutik udara zuzenean pasatzen baikara"; "hemen ez dago udazkenik, udatik negura zuzenean pasatzen baikara". Bi sasoiko eguraldia omen da gurea, argindar-etengailu baten pare dabilena: off-on . Bi aukerakoa.
Eztabaidatxoa izan zenuen lehengoan lankide batekin. Hura ere hemengo eguraldiaren bitasunaren aldezle porrokatua izaki, lau urtaroen kontua eskolan ikasitako gezurtzat zeukan, haurrentzako ipuin gozotzat. Umorea eta hiperbolea alde batera utzita, defendatzen ari zen iritziaren frogagarri, arropa-dendetako paisaia aurkeztu zizun ebidentzia gisa: "Bertan, bi sasoiko arropa baino ez duzu aurkituko: negukoa eta udakoa".
Eguraldiaz mintzatzeko arropa-dendak erreferentzia nagusitzat hartzeak harritu zintuen, baita pixka bat sumindu ere. Geroago, ordea, argigarri gertatu zitzaizun pasartea, lanetik ateratakoan: eguraldia ez da gehiago eguraldi; hura nahierara ez menperatzeak sortzen digu arrangura, nonbait, oporrak amets dituen jendarte honetan. | news |
argia-508960e11701 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/lan-prekarietateak-ere-hiltzen-du.html | Lan prekarietateak ere hiltzen du | Juan Mari Arregi | 2015-11-29 00:00:00 | Lan prekarietateak ere hiltzen du
Azken asteetan Euskal Herrian hainbat langile hil dira. Urrian, etxeko lanetan aritzen zen emakume bat hil zen Derion, egunero deskantsurik gabe 24 orduz beharrean aritzen zelako; eta Santurtziko portuan lan istripuz beste bi lagun hil dira berrikitan. Aurten jadanik 50 pertsona hil dira lan istripuz, horietako askok kontratu prekarioak eta behin-behinekoak zituzten.
Azken urteetan bizitzen ari garen krisi ekonomiko luzeak prekarietate eta miseria laborala sortu du. Prekarietate horrek lantokian baldintza kaskarragoak ekarri ditu –lan-arriskuen prebentzioan eta segurtasun neurrietan dagoen inbertsio eskasa adibidez–, eta ez gutxitan langilea heriotzaraino eramaten dute, gorago aipatu ditugun kasuen moduan. Ez dira gutxi egunean 11 orduz lan eginarazi eta ordua 5 eurotan ordaintzen duten azpikontratak –baita administrazioaren barruan ere–. Confebask euskal patronaleko presidenteak berak, Roberto Larrañagak, azpikontrata sarea sortu zuen lan baldintza horiekin, ELA sindikatuaren esanetan. Bistan da lan prekarietateak, pobretzeaz gain, hil eta asasinatu ere egiten duela.
Esplotazio eta zekenkeria hori ez da anonimoa ordea. Arduradunek izen abizenak dituzte. Eta langile klaseak eskubidea du haiek ezagutzeko. Orain, kanpaina sindikal ausart eta eredugarria jarri dute martxan hori dena salatzeko, enpresa garrantzitsuenen eta administrazioaren arduradun nagusien argazki eta guzti. "Pertsona konkretuen irudia kaltetzen" duena, EAEko Enplegu kontseilari Angel Toña jauna, ez da sindikatuen kanpaina grafiko bat, langileen artera pobrezia eta baita heriotza bera ere ekarri dituzten prekarietate, miseria eta esplotazioa baizik. | news |
argia-55e5dd9a789d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2485/dantza-hasi-da.html | Dantza hasi da | I�aki Odriozola Sustaeta | 2015-11-29 00:00:00 | Dantza hasi da
Katalunian gertatzen ari diren garai zalapartatsuei begira egon naiz, artikulua idatzi aurretik, ez pentsatzen dudalako zerbait lortuko dutela, baizik eta agerian uzten ari direlako espainiar erresumako elite eta politikarien jarrera zapaltzailea, berriro ere.
Harritzen nauena, ordea, hauxe da: euskal gatazkaren inguruan ibili den euskaldun askok, prozesu honi buruz daukan ingenuitatea. Alboan ikusten ditut, azken urteetan gertatutakoa eta Espainiako XX. mendeko "historia" ahaztuaz, pentsatuz jendarte katalanak, era baketsu eta demokratikoan, bozen indarra bakarrik erabiliz, lortuko duela independentzia.
Oraintsu arte, Espainiako Erresumak urratsik eman ez duenez, ematen zuen prozesua aurrera zihoala. Niretzat, bai gure jendeak, bai katalanek sentsazio hori izan dute: milioi eta erdiko manifestazioak egin, izugarrizko jende erakusketak, bozka egin azaroaren 9an, bozka egin autonomikoetan, eta ez da ezer gertatu izan. Ez zegoen bestaldetik erreakziorik.
Barkatu inozo guztiok, baina, katalanek azken lau urteetan ez dute euren burua animatu besterik egin –"Ez da gutxi! Nahiko genuke geuk ere, egoera horretan egotea", esango dit norbaitek–. Baina, hotzean, jakin behar dugu, gogorra egiten bazaigu ere, horrek politikoki tamaina gutxiko garrantzia izan duela. Ez dira egitura juridiko-politikorik aldatzen saiatu, duela bizpahiru astera arte. Orduan hasi da dantza.
Parlamentu katalanak erabaki duenean prozesua benetan martxan jartzea, azkar asko ikusi dugu, ustezko gibel-handiek nola jokatu duten. Demokrazia derrepente ez da bozka egitea, ez da herriari iritzia eskatzea, legea –Espainiako lege sakratua– onartzea baizik. Parlamentuak, herriak aukeratutako ordezkarien bidez, gehiengoz onartu duena estatu kolpe bihurtu da, eta hori egiten dutenak autoritarioak dira, desorekatzaileak eta amildegira eramango gaituztenak.
Hau da hau, hitzen esanahi eta diskurtsoak hankaz gora jartzea, indarra erabiliko dutenak, berriro ere, demokrata agertu ahal izateko. Gutxiengoa direnak, espainiar zaleek, bozen bidez lortu ez dutena, indarraren bidez lortuko dute, legearen indarrez, diruaren indarrez, eta behar izanez gero, armen indarrez.
Espainia denboratik at dagoen kontzeptua da, nazio milenarioa, odol eta suz egindako inperio dekadentea, eta katolizismoaren zutabe unibertsaletako bat, obispoaren esanetan: Ongi Morala.
Zuek uste, herritar moderno zarpaildu batzuek erabakitzeko ustezko eskubidea hartu nahi dutelako, Egia Oso hori guztia desegingo dutela? (Nahiago nuke, lau edo bost urte barru, gaur esandakoak irentsi behar izatea, baina oraintxe bertan ez daukat zalantzarik). | news |
argia-de501774e143 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/oriol-amoros.html | "Hauteskundeen ondoren independentzia adierazpena da egin beharreko lehen gauza" | Aritz Galarraga | 2014-12-14 00:00:00 | "Hauteskundeen ondoren independentzia adierazpena da egin beharreko lehen gauza"
ERC alderdiko zuzendaritzako kide eta Kataluniako Parlamentuko diputatu da Oriol Amorós (Bartzelona, 1970). Artur Mas presidenteak independentzia lortzeko proposamena egin ondoren bildu gara harekin eta Oriol Junqueras ERCko buruzagiak berea egin aurretik. Oraingoz ez da akordiorik, baina Amorósen gaztiguan, iritsiko dira akordio batera.
Ez indar soberanistek hasieran desio zuten moduan, baina katalanek boza emateko aukera izan zuten azaroaren 9an. Zer irakurketa egiten du ERCk?
Egun ezin positiboagoa izan zen, 2,3 milioi katalan intsumiso izan zitzaizkion Estatuari, erabaki zuten askatasunean egitea bidea. Keinu handia izan zen, beraz, baina izan zen mobilizazio bat. Ez zen izan lotura juridikoa zuen erreferendum bat, eta ondorioz ez zen bilatzen genuena. Baina katalanen erantzunaren aldetik, oso baikorra, noski, Espainiako Gobernuko ordezkari, fiskal eta abarrekoen mehatxu eta erasoak desobeditzea aukeratu zutelako, beldurra zabaltzeko saiakera guztien gainetik.
Hasierako mesfidantzak gorabehera, beraz, balorazio positiboa egiten duzue.
Tira, guk azaroaren 9 berriari buruz esan genuen gauza bakarra izan zen, ez zela hasierako azaroaren 9ak izan behar zuena bezalako kontsulta bat. Elementu garrantzitsu bat galdu genuen, kontsulta bat egin behar genuen eta azkenean egin genuen prozesu parte-hartzaile bat. Mobilizazio gisa arrakastatsua izan dena, baina ez Masek agindu zuen kontsulta.
Egin zitekeen kontsulta hori?
Uste dut ez duela merezi orain eztabaidatzea. Prozesu parte-hartzailea berdin jazarri behar bazuen fiskalak, handira jo zitekeen hordagoa. Baina ez du merezi jada.
1,9 milioi pertsonek eman zuten botoa independentziaren alde. Gehiago espero zenituzten?
Beti nahiko genituzke gehiago, baina zifra oso inportantea da. Hauteskunde batzuetan 1,9 milioi boto gehiengo absolutu garbia lirateke. Kontuan izan behar dugu gainera ohikoan baino lau aldiz kolegio gutxiago zegoela, bozka emateko lekuaren informazioa ez zela etxe guztietara iritsi. Eta bozketa mehatxupean egin zela. Niri pasa zitzaidan hautes-mahaian nengoela: funtzionario batzuek esan zidaten parte hartu nahi zutela, baina epaile batek parte-hartzaileen zerrenda eska zezakeenez, ez zutela bozka emango.
Artur Masen independentzia lortzeko proposamena zer iruditu zaio ERCri?
Aurrerapauso bat, bi motibogatik: lehen aldiz Masek hitz egin du independentziaren horizonteaz, eta lehen aldiz jarri du data bat. Proposamen bat da eta ondorioz eztabaidatu behar da, guk ekarpenak egingo ditugu hobetzeko. Estatu egiturak, adibidez, dagoeneko eginda beharko lukete, legealdi honetan egitea adostu genuen. Beraz, hauteskundeen ondorengo 18 hilabeteak, estatu egiturak bukatzeko bai, baina soberaniatik gauzatzeko erabili behar ditugu. Espainiako legediaren baitan egiten badugu, badakigu zer pasako den, dena debekatuko digu. Beraz, hauteskundeen ondoren egin beharreko lehen gauza da independentzia adierazpena, gobernuari aginte demokratiko bat ematea independentzia gauzatzeko lan egin dezan.
Proposamen zintzoa dela uste duzue, edo hainbatek esan duen bezala, Masek ipurdia salbatzeko mugimendua da?
Ez ditugu asmoak epaituko, nahiago dugu proposamenaren irakurketa bat egin. Eta positiboki egiten dugu. Presidentearekin partekatzen dugu 2015aren hasieran plebiszitu izaerako hauteskundeak egiteko borondatea, eta hauteskunde horien garrantzia, independentzia lortzeko lehen pausu gisa.
Gizarte zibilaren ordezkari garrantzitsuena, ANC Kataluniako Biltzar Nazionala, Masen proposamenaren alde agertu da.
Bi gauza esan ditu: gustatuko litzaiokeela Masen proposamena alderdi guztiek onartzea, baina independentzia lortzeko beste edozein bide ere ondo ikusiko lukeela. Ondorioz, alderdiei eskatzen diete ados jar daitezen bide horretan.
ERC uzkur agertzen zen hauteskundeetara zerrenda bakarrean joatearen aurrean. Masen proposamena eta gero, malguago agertu da. Zein da gehiengo independentista ahalik eta handiena lortzeko biderik eraginkorrena?
Zerrenda desberdin batzuek programaren puntu nagusi bat partekatzea, gure ustean. Oso garrantzitsua da ahalik eta jende gehien bilduko duen modua aurkitzea. Tesi ekonomiko erabat liberalak defendatzen dituen jendea da independentziaren aldekoa. Berdin proposamen erabat kontrakoak dituen ezkerreko jendea. Ez dakit bi horiek eroso egongo diren zerrenda berean, eta bi botoak nahi ditugu, ezin dugu galdu ez bata ez bestea. Nahi dugu gauza askotan modu diferentean, are antagonikoan pentsatzen duen jendeak independentziaren alde bozkatu ahal izatea. Zer egin dezakegu independentziari bozka eman nahi dioten guztiek bozka emateko: independentzia proposamen partekatu bat aurkeztuta, programa sozioekonomiko ezberdinak dituzten zerrenda bat baino gehiago eskaintzea.
Laburbilduz: ados jarriko zarete.
Seguru, gizarteak eskatzen digu akordioetara iristea.
Masen lidergoa mantentzearen alde dago ERC?
Masen lidergoa oso garrantzitsua da, proiekzio handia dauka nazioartean, prozesuak duen aktiboetako bat da. Eta guk ez dugu aktibo bakar bat ere galdu nahi. Era berean, prozesuak bertute handi bat du: izaera plurala. 2008tik hona egindako mobilizazio erraldoi guztiak pertsona talde oso desberdin batek eraman ditu aurrera. Hurrengo hauteskundeetara aurkezteko modua dena delakoa izanik ere, ERCk lan egingo du aktiboek jarrai dezaten aktibo izaten.
ERC lehen indar gisa agertzen zen azkenaldiko inkestetan. Azaroaren 9aren ondorengoetan berriz bueltatu da CIU lehen lekura. Ardura dizue horrek?
Batere ez. Inkesta bat ateratzen den bakoitzean eskatzen digute balorazio bat, eta beti esan izan dugu lehenik, erabakitzeko eskubidearen aldeko indarren arteko batuketa dela garrantzitsuena. Emaitza onak opa dizkiegu gainontzeko indar soberanistei, noski.
Esan dugu, 1,9 milioi independentista. Batzuek aipatzen dute 300.000 boz falta direla gehiengo absolutua lortzeko.
Ados nago, babes handiagoa bilatu behar dugu, beti. Independentziaren aldeko jende gehiago erakartzeko, garrantzitsua da ondo esplikatzea zergatik nahi dugun independentzia. Ez dugu bandera aldaketa soil bat egin nahi, herrialde eredu berri bat nahi dugu, eta herrialde ereduan bilatu behar dugu babes gehien. Gerta daiteke independentzia nahi duen jendea egotea, baina nahi izatea bestelako herrialde eredu bat. Eta gerta daiteke, beraz, pluraltasunetik iristea urrutirago, dimentsio bakarreko proposamen batekin baino. Independentziaren aldeko zerrenda bat egon edo hiru –gehiago ez dut uste–, aurkitu behar dugu modua herrialde eredu desberdineko jendeak herri berri, hobe, garbi, justu baten esperantza ikus dezan independentziaren bitartez.
Azkenaldiko eztabaida publikoak ez ote diren zentratu kontsultaren aldeko eta kontrako arrazoietan, adibidez, independentziaren onura eta desabantailetan baino.
Arrazoi duzu, gustatuko litzaiguke eztabaida termino horietan gertatzea. Baina gertatu da eztabaida biziena kontu juridiko baten ingurukoa izan dela, erabaki dezakegun edo ezin dugun erabaki. Eta hitz egin denean independentzia ona edo txarra izan daitekeen, mehatxupean egin da. Lehen eztabaidan, onartzen dut abantaila taktiko bat izan dugula: Estatuak, ezezkoan beti, lagundu du eraikitzen demokrazia independentziaren sinonimo denaren ideia. Horregatik hazi da independentismoa. Baina beste debatean, erabili izan dute abantaila taktiko bat: jarri dute mahaiaren gainean mehatxu segida bat, ez doazenak berez lotuta independentziari, ez badoaz lotuta independentziaren aurreko Estatuaren jarrerari. Beldurraren karta jokatzen dute, baina aldi berean esaten ari dira ez dutela ezer onik nahi guretzat. Eta, noski, nork izan nahi du zuretzat onik desio ez duen proiektu baten parte?
Espainiako Estatuaren erregenerazio demokratiko batek, Podemos aipatzen da orain, nola hunki lezake Kataluniako prozesua?
Esan izan digute: Estatuaren aldaketa gauzatzen laguntzen badugu, agian hemendik urte batzuetara Estatuaren aitorpena jasoko dugula. Ipuin hori askotan esplikatu digute, eta askotan esan dugu baietz, parte hartu dugu, Errepublika ekartzeko, Trantsizio garaian, Europar Batasunean sartzeko. Hainbeste dezepzio jasota gaude, ordea, ikasi dugula lezioa. Podemos, ikusten dugu pauso berdinak jarraitzen ari dela. Orain hilabete batzuk esan zuen katalanen erabakitzeko eskubidea defendatzen zuela, orain ja ari da esaten espainiarren osotasunari dagokion erabakitzeko eskubide batean har dezagula parte, Espainia berri batetarantz joateko, eta hor izango dugula erabakitzeko eskubidea. Eta, barkatu, guk erabakitzeko eskubidea orain nahi dugu. Espainiak erregenerazio prozesu bat egiten badu, primeran, baina gu dagoeneko egiten ari gara politikaren aldaketa. Kataluniako prozesua iraultza demokratiko bat da. Labur, herrien etorkizun politikoa jendeak erabakiko du. Iraultza demokratiko betean ari gara azken lau urteotan. | news |
argia-86b121e661d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/kutsa-nazazu-mesedez.html | Kutsa nazazu, mesedez | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-14 00:00:00 | Kutsa nazazu, mesedez
Lodz (egungo Polonia), 1917ko martxoa. Alemaniar okupatzaileek prostituzioa arautzea erabaki zuten, fronteko beste hainbat tokitan alde batekoek zein bestekoek egin bezala. Astero azterketa medikua pasa behar zuten prostitutek, eta tarifa finkoak ezarri behar izan zituzten: gau osoak 30 marko balio zuen; gauez bizpahiru ordu eman nahi zituenak 20 marko ordaindu behar zituen; ordubete nahikoa zuenak, aldiz, hamar marko; eta tarifa merkeena egunekoa zen, hamar markoren truke prostitutarekin nahi adina denbora eman baitzezaketen goizeko 9etan hasi eta arratsaldeko 6ak bitartean.
Gerra eta prostituzioa elkarri lotuta joan dira beti. Eskaera handitzen denez, negoziorako onak dira gatazkak. Baina eskaerak gora egin ahala sexu langileen lan baldintzek behera egin ohi dute: higienea, bezeroak, baliabideen eskuragarritasuna... Sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunentzat haztegi ezin hobea.
Atarian aipatu bezala, Lehen Mundu Gerran ere agintari militarrak kutsatze arriskua txikitzen ahalegindu ziren. Haien mendeko soldadu askok, ordea, kontrako bidea hartu zuten. Gerra Handiaren izugarrikeriek soldadu/prostituta binomioaren ordura arteko logika irauli zuten: sexu bidezko eritasunak zituzten prostitutak garestiagoak ziren astero azterketa medikua gainditzen zuten neska osasuntsuago haiek baino. Eskaera eta eskaintzaren legeak ezarri zituen prezioak beste behin. Izan ere, prostituta gaixoen eskaera izugarri hazi zen, soldaduek, sexua baino gehiago, gaitz benereoak erosi nahi zituztelako. Kutsatuta, gaixotasunagatiko baimena emango zieten eta ez ziren lubakietara itzuliko.
Horrenbestez, prostituzioa zerbitzu bikoitza eskaintzen hasi zen: sexua eta frontea saihesteko aitzakiak. Eta geroz eta bezero gehiago sexuaren partea baztertzen hasi ziren, zuzenean infekzioaren bila joateko. Hala, merkatu higuingarri eta etekintsua sortu zen: gonorrea zornea, esaterako, potetxoetan bilduta saltzen zuten, soldaduek zuzenean genitaletan igurtzi zezaten. Eta prostitutak ez ziren hornitzaile bakarrak; tuberkulosoek espektoratutako mukien eskaerak ere gora egin zuen, adibidez. Edozer gauza zen frontera joatea baino hobea. | news |
argia-3c28a0f85987 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/erretura.html | Erretura | Jakoba Errekondo | 2014-12-14 00:00:00 | Erretura
Hiztegi ugaritan ageri da. Ereiteko dagoen soroan egiten den sua. Alorrean erretzen den zabor piloa. Soroetan egiten den belar, sasi eta arduien errea, gero errautsak lurrean barreiatzeko. Soroan batutako zakarrak erretzea. Zerbait erein behar den soroetan, pilan ipinita, belar txar eta zaborreriaz egiten den sua. Zaborreriarekin, lur eta guzti, pila egin eta sua ematen zaio. Horri esaten zaio erretura. Edo errola, edo errelua.
Landu behar den saila izakitu edo zopizartu, eta kendutako belarrak lur eta guzti egur pixka batekin egindako suaren gainean erre. Erreturaren tokian lurra gorri geratuko da eta sail guztian banatzen da, errauts gisara, ongarri on askoa. | news |
argia-456edd4ba62e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/aukera-bat-izan-dezagun.html | Aukera bat izan dezagun | Xabier Letona | 2014-12-14 00:00:00 | Aukera bat izan dezagun
CARMEN GISASOLA izan da espetxe zigorrak betetzeari buruzko Europar Batasuneko arauak Espainian indarrean jartzean libre geratu den lehen euskal presoa. Frantzian bete zituen 10 urteak kontuan hartuta, kontaketa egin eta Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen joan den azaroaren 24an.
Hamar egun geroago atera ziren Santi Arrospide eta Alberto Plazaola, hurrenez hurren, Alacant II eta Texeiroko espetxeetatik. Sona ez da Parot doktrinaren parekoa izan Espainian, baina brunete mediatikoak ez du aukerarik galdu eta Espainiako Gobernuak jadanik atera du lege bat –azaroaren 12an– Europar Batasuneko zigorrei buruzko araua ez betetzeko.
Ohi bezala, korapiloa handia da halakoetan, bai justizia administratizioaren eta exekutiboaren artean, eta baita justiziaren baitan ere. Auzitegi Nazionalean ez dira ados: Zigor Aretoko Lehen Sekzioak erabaki du bi preso hauek libre uztea, zigor urteen kontaketa berrian Frantzian betetako zigorra kontuan hartu ondoren. Bigarren Sekzioko epaimahai batek, aldiz, kontrakoa erabaki zuen Iñaki Bilbao presoaren zigor urteen birkontaketa egitean.
Lehen sekzioaren ustez, Europar Batasunak 2008an hartutako araua betetzen zen bere epaiarekin. Haren arabera, molde bereko delituetako zigorrak batu egin behar dira EBn, hauek estatu desberdinetan epaituak izan arren. Hau da, Frantzian ETAkoa izateagatik –han gaizkile taldeko kide– 10 urteko zigorra bete duen presoari, gero Espainiako bere zigorretik ezabatu beharko litzaiokeela denbora hori.
Hau da, EBn gero eta legedi gehiago batzen dira eta presoen esparrua arautzen duena ere batzen ari da. Hori bai, 2008an onartu zen neurria eta haren lehen ondorioa sei urte geroago iritsi zaie hiru presori. Ia beste hirurogeiri ere aurki eragingo lieke neurriak, Auzitegi Nazionalak bere osotasunean onartu izan balu, PPk berak onartu izan balu. Baina ez. Europatik bete behar dira Banku Zentralaren eta Merkelen aginduak, baina ez euskal presoei zigorrak murrizten dizkieten arauak.
Bigarren sekzioaren epaiak zioen itxaron behar zela nola garatzen zen Espainiako legedia, horrela Europako araua indarrean nola jarri ikusi ahal izango zelako. Espainiako Lege berri honek –7/2014– dio, arau hau aplikatzeko ez direla kontuan hartuko 2010eko abuztuaren 15aren aurretik beste estatuetako auzitegiek jarritako zigorrak. Horrela, Europako neurriak ez lieke eragingo dozenaka euskal presori, haiei Frantzian jarritako zigorrak 2010ekoak baino lehenagokoak direlako.
Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ere helegitea jarri du Lehen Sekzioak hartutako erabakiaz, eta 2002an Auzitegi Gorenak emandako epai batean oinarritu da, orduan Gorenak atzera bota baitzuen beste estatu batzuetako zigorrak Espainiako zigorra murrizteko erabiltzea.
Baina zigorren batzea agintzen duen EBren araua 2008an sartu zen indarrean eta duela gutxi, Espainiako Auzitegi Gorenak oso bestela ebatzi du gaiaz, Joseba Urrusolo Sistiaga presoak jarritako eskaerari erantzunez. Langraitz bideko preso lesakarra izan zen Europako araua aintzat hartzea eskatu duen lehen presoa. Kontua da Gorenak erantzun ziola ez zegoela eragozpenik Frantzian betetako zigorra Espainian ere kontuan hartzeko.
Orain, fiskaltzaren helegiteaz eta Auzitegi Nazionaleko bi sekzioen epai kontrajarriez ebatzi beharko du Gorenak. Orain, gainera, badu legezko eragozpen bat, Espainiak onartu berri duen legea. Baina konstituzionala izango da lege hau Europar Batasunak onartutako arauen espirituaren kontrakoa denean goitik behera? Zer esango du Estrasburgoko Auzitegiak presoen zigorrez ad hoc egindako legeaz, honek presoen giza eskubideak urratzen dituenean?
Norbaitek behar badu, PPk darabilen mendeku politikaren beste froga bat gehiago, eta pertsona zehatzen eskubideak zanpatzeaz gain, bake prozesua eta elkarbizitzarako oztopo bat gehiago ere bai. Ez da nahikoa euskal gizarteak modu bateratu batean protesta egin dezan? Aski da esan dezan? Instituzio, alderdi, elkarte, herritar... guztiak batera euskal gizarteak behingoz merezi duen garai berriaren aldeko oihuan? Tristea da, baina gerrak bakeak baino gehiago batzen zuen gizartea. | news |
argia-6ebf1077410b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/astea-eta-jaia-berdintze-bidean.html | Astea eta jaia berdintze bidean | Inma Errea | 2014-12-14 00:00:00 | Astea eta jaia berdintze bidean
Azaroak 29 egun ditu, larunbata da, egun handia Iruñean: San Zernin patroiaren festa. Hala ere, garai batean ez bezala, denda asko irekita daude: merkatari txiki ugarik irekitzea erabaki dute, azalera handiko merkataritza-guneen eta marka handien bultzadaren pean eta krisiak behartuta. Udal-merkatuek beraiek ateak ireki dituzte, eta haietan salmenta-postua dutenetatik gutxi batzuek bakarrik egin diote muzin irekitzeari. Zabaltzea erabaki dutenen xede nagusia ez da asko saltzea, baizik bezeroei atsegin ematea.
Dendariak ez dira, ordea, Iruñeko patroiaren festan lan egiten ari diren bakarrak: gure etxe ondoko etxabe batean, obretan ari dira eraikuntzako langile batzuk.
Hurrengo eguna ere festa da, igandea, baina gure etxe ondoko etxabean, osasuneko aseguru-etxe baten bulegoetan, obretan segitzen dute: gure kale beti zaratatsuan –non igartzen baitugu igandea dela ibilgailuen burrunbaren ordez kanpaien hotsa entzuten dugulako–, mailu pneumatiko baten durundak kolpatu dizkigu belarriak igande honetan.
Mailuaren zarataren eraginpean, jakin-mina piztu zait: zertan arituko dira halako igande batean Alemaniako Friburgo Breisgau hirian? Hura bisitatzean, iazko abuztuan, igandearekin, deigarria egin zitzaidan bertako isiltasuna, karrankarik gabeko giro barea, tranbiek, kanpaiek eta espaloien pareko erretenetako ur-jarioaren marmario leunek baino ez hautsia. Milaka bisitari ginen han, eta hiria goizean goiz hartua bagenuen ere, dendek itxita zirauten, ohiko salbuespenekin: jatetxe, taberna eta kafetegiak. Han ez omen du balioko gure artean igande eta festa egunetan dendak irekitzeko zenbaitek erabiltzen duten argudioa –oi, turistak, zer egingo dute koitaduek, gure kaleetako dendak itxita aurkituz gero?–.
Hemen, berriz, gero eta arruntagoa da festa-egunetan jai ez egitea garai batean festak gordetzea ohikoa zuten sektoreek. Ordutegien liberalizazioaren alde daudenek diote lanegunak eta festak berdinduta kontsumitzaileok irabazten dugula: noiznahi eta nonahi zernahi eros dezakegula. Esan gabe iradokitzen digute horrela zoriontsuago-edo biziko garela. Proposamen tranpatia iruditzen zait, eta ameskeria –baita erosketetan murgilduta pozik ibiltzen direnentzat ere–, are gehiago krisian murgilduta gauden honetan. Baina, batez ere, arriskugarria deritzot gure kontsumitzaile-apetak beste edozeren gainetik jartzeari: kontsumitzaile bezala zertxobait irabazita ere galtzaile ateratzen gara herritar gisara. | news |
argia-14c92a04b570 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/antisorgailu-hormonalak.html | Askatzaileak al dira emakumearentzat? | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-14 00:00:00 | Askatzaileak al dira emakumearentzat?
Pilula asmatu zenean, hainbat emakume taldek emakumea behingoz ugalketaz erabakitzeko posizioan zegoela uste zuen. Bestelako ahotsak ere badira ordea, ez ote diogu gure gorputza ezagutzeari utzi eta industria farmazeutikoaren esku laga gure gorputzaren kudeaketa?
Meritxell Guàrdia i Serentill-ek idatzi du artikulu luze eta mamitsua Pikara Magazine webgunean. Espainiako Estatuko osasun sistemak antisorgailu hormonalak lehenesten ditu "harreman egonkorretan", metodo naturalak eta norberak kudeatu beharreko metodoak alde batera utzita.
Medikuntzak dioenez, bestelako metodoak ez dira eraginkorrak. Aldiz, Osasunaren Mundu Erakundeak %95eko eraginkortasuna dutela dio. Antisorgailu hormonalak ez diren bestelako metodoak erabiltzeko emakumeak bere gorputza oso ondo ezagutu behar du, baita hilekoaren zikloa ere, eta antisorgailu hormonalen erabileraren kontrakoen ustez, medikuntzako erakundeek interes gutxi dute halako metodoak bultzatzeko. Izan ere, diafragma edo planifikazio naturalak erabiltzeko emakumeei (eta baldin badute bikotekideei) irakatsi egin behar zaie eta horrek denbora eskatzen du. Ana Moreno emaginak dioen moduan, "emakumeei autogestiorako boterea eman eta haien gaitasunetan sinetsi".
Enriqueta Barranco ginekologoa urrutirago doa, eta hala dio: "Ez dezagun ahaztu, askotan, zientzia patriarkalak jaiotza kontrolaren bidez emakume ugalkorrak kontrolatzen ditu, erdi ezkutuan bada ere. Industriak ugalkortasuna autogestionatzeko dauden metodo eraginkorrak gutxiesten ditu, eta horrela, haien proposamen bortitzei uko egin dien emakumeen autokonfiantza ahultzen dute".
Artikulu luzearen egileak gai beraren beste adar batzuk ere aletu ditu. Gizonak, nahita edo nahigabe, familia-plangintza ugaritatik kanpo utzi dituztela dio Guàrdiak. Gaur egun bi antisorgailu metodo baino ez daude: preserbatiboa eta basektomia. Oso proba eta ikerketa kliniko gutxi egin dira gizonentzako antisorgailu kimikoa aurkitzeko, teknologia medikoak beti emakumearen ugalkortasuna landu du. Harago doa Beatriz Preciado. Filosofoaren ustez, hormona maskulinoak gizona gizontzeko eta sexualizatzeko erabiltzen dira eta hormonona femeninoen helburua berriz, emakumeen sexualitatea eta ugaltzeko gaitasuna kontrolatzea da.
Egileak antisorgailu hormonalen bigarren mailako efektuak landu ditu artikuluan. Bayer industria farmazeutikoak azkeneko txosten finantzarioan (2014ko ekainekoa) adierazi du 1,8 mila milioi dolar behar izan dituela 8.900 demandari erantzuteko, izan ere, Amerikako Estatu Batuetako milaka emakumek Yaz, Yasmin, Ocella eta Gianvi markako antisorgailuek bigarren mailako efektuak eragin dizkietela salatu dute. Artikuluaren egileak antisorgailu hormonalen ondorio positiboak zerrendatzen ditu lehenengo eta ondoren epe motzean agertzen diren ondorio txarrak, eta epe luzekoak. Kontuan izan behar da antisorgailu hormonalak ez dituztela ugalkortasuna kontrolatu nahi duten emakumeek soilik erabiltzen, aknearen, hirsutismoaren (ilea haztea) eta burusoiltasunaren kontra ere hartzen dituzte. | news |
argia-8d6c4671b625 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/eh-bilduk-eta-eajk-ere-zumarragako-erresonantzia-unitate-euskalduna-eskatu-dute.html | EH Bilduk eta EAJk ere Zumarragako erresonantzia unitate euskalduna eskatu dute | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-14 00:00:00 | EH Bilduk eta EAJk ere Zumarragako erresonantzia unitate euskalduna eskatu dute
Zumarragako ospitalean erresonantzia unitate berria abian jartzekoa zen abenduaren 9an. Betiko urratsak egiten badira erresonantzien txostenak gaztelaniaz baino ez dira egongo, eta litekeena da langileak euskaldunak ez izatea. Aitor Montes medikuak euskarazko txostenak lortzeko abiatutako borroka legebiltzarrera heldu da.
Erresonantzia unitateak Osatek-ek kudeatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoak. Aitor Montes Aramaioko familia medikuak eskuetan duen informazioaren arabera, erakunde publiko horrek kudeatutako erresonantzien txosten guztiak gaztelaniaz egin dira. Osatek Areetan eta Areilzan (Bilbon), Galdakaon, Txagorritxun, Donostian eta Santiagon dago. Zumarragako unitatea ireki berri da eta Montesen ustez, errazagoa da lehendik dagoen egitura bat euskalduntzen hastea baino berria euskaraz abiatzea.
Horregatik, azken egunotan, UEMAk eta Mankomunitateko kide diren Goierri-Urola Garaiko eskualdeetako udalek zerbitzua euskaraz abiatzeko eskaera egin dute. UEMAko lehendakariak eta hainbat alkatek Osatek-eko zuzendari kudeatzaileari bidalitako gutunean Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuaren hitzak ekarri dituzte gogora: "Osakidetzara doazen herritarrei erosoena eta errazena zaien hizkuntzan komunikatzeko aukera ziurtatzea funtsezkoa da osagile-paziente eta familiaren arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko". Goierrin eta Urola Garaian UEMAko kide diren hamar herri daude, alegia, biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak dira ondoko herrietan: Arama, Altzaga, Itsasondo, Zaldibi, Gaintza, Ezkio-Itsaso, Segura, Zerain, Azpeitia eta Beizama.
UEMAren eta UEMAtik kanpo dauden hainbat udalen eskaeraz gain, EH Bilduk eta EAJk legebiltzarrean Zumarrago unitate berriak herritarrak euskaraz artatzeko urratsak emateko eskaera egin dute. Erresonantzia unitatean lau motatako lanpostuak izango dira: erradiologoa, teknikaria, laguntzailea eta idazkaria. Lanpostuotan ez da derrigorrezkoa euskara jakitea, eta gehienez ere 5 puntu lortu ahal izango ditu euskara dakien hautagaiak.
Erresonantzia unitatea euskaraz abiatzeko aldarrikapena Aitor Montes Lasarte Aramaioko familia medikuak abiatu du. Mediku horrek, duela gutxi, Aramaion, Arrasateko Erradiologia Zerbitzuarekin batera, ekografiaren txostenak ele bitan izatea lortu zuen. | news |
argia-546ea1d79406 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/lanean-ari-naizenean-ez-dut-disfrutatzen-baina-hau-idazten-gustura-sentitu-naiz.html | "Lanean ari naizenean ez dut disfrutatzen, baina hau idazten gustura sentitu naiz" | Miel Anjel Elustondo | 2014-12-14 00:00:00 | "Lanean ari naizenean ez dut disfrutatzen, baina hau idazten gustura sentitu naiz"
Garai bateko kronika egin du Arantxa Urretabizkaiak Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela, 2014) liburuan. Oroitzapen zenbait izan ditu abiapuntu, eta "oroitzapenak gereziak bezala datoz: bat hartu, eta ondoan dituzu beste batzuk segidan". Ez da, halarik ere, lan erabat zehatza, gauza gehiago konta zezakeen, baina "hauxe da! Nahikoa!", esan eta puntua jarri zion testuari: kronika egin digu, literaturatik, norberarenetik, barrura begiratuz.
Gurasoen alaba zara…
Ez didate inoiz esan ez aitaren iguala ez amaren berdina naizenik, baina urteak dira, behin, ispilura begiratu eta amaren aurpegia ikusi nuen: "Laletxe! Ama! Horixe bakarrik falta zitzaidan!" Baina, bai, uste dut gurasoen arteko nahasketa naizela: aitaren euskal zaletasuna daukat, amaren patxada… Gure umea jaio zenean, osasun gorabeherak izan nituen, eta hiru aste pasa egin genuen ospitalean. Sendatu, eta etxerakoan, erizainak esan zigun gure amari eta bioi: "Ume lasaia da, baina jenioa du!". Eta, orain, hogeita lau urte igaro direnean, ez nuen gure semearen deskribapen hoberik egingo. Bada, amak esan zidan orduan: "Jenioa duela? Hobe! Ez zu eta ni bezala, inork ez digu kasurik egiten, ez garelako haserretzen!".
Zuri-beltzeko argazkiak, sarrerakoan: "Kontatu nahi dudanak 1947an du hasiera eta 1960aren inguruan bukaera (…) Kontakizunaren mamia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana". Zer da, hortaz, kontatu nahi duzuna, zer duzu kontatu nahi ez duzuna?
Kontatu nahi ez dudana: gure familiaren intimitateak. Zilegi iruditzen zait nork bere familiako barruak kontatzea. Nik gustura irakurriko nituzke. Baina intimitateak ez dira norberarenak bakarrik, besterenak ere badira… Ni oso intuitiboa naiz, iruditzen zaidana egiten dut. Gero datoz lanak, egin dudana interpretatu behar izaten dudanean. Oraintxe, neure buruari esaten diot garai hartako kronika bat egiten dudala, oroitzapenetan oinarritua. Baina Zuri-beltzeko … ez da memoria liburua. Gauza batzuk ez ditut kontatu nahi, eta ez ditut kontatuko, sarreran esaten dudanez.
Ezinago argi, garbi eta klar…
Are gehiago, orain dela urtebete edo, bertso emanaldi bat egitea gertatu zitzaidan Andoni Egaña eta Uxue Alberdirekin. Nik testu bat irakurri, eta haiek bertsoak egiten zituzten haren gainean. Ahizpa etorri zen emanaldira eta, hasi baino lehen, esan nion: "Mari, agian ez zaizu gustatuko!". Liburu honetako pasarte bat irakurri nuen, izeba Pakitari zegokiona. Ez zen, beraz, bakarrik niri zegokion bizitza. Eta Marik: "Zer, disparateak esan behar dituzu?". Kar, kar… "Bai, disparateak esan behar ditut!". Saioa bukatu eta Marik: "Oso polita, ez duzu disparaterik bota!". "Ez, baina gu esaten dudanean, zeu ere barruan zaude!". Errespetu handia diot horri.
Errespetu bera ikusten duzu inguruan, gizartean?
Ez, baina ez dut horretaz juiziorik egiten. Norberak jartzen du muga, nahi duen lekuan.
Zuk ez duzu dena delako muga gainditu nahi.
Ez, baina ez dakit zergatik. Agian, horrelakoa naiz…
Zu, izan, zintzoetan zintzoena zara, liburuan irakurri dugunez…
Nintzen, nintzen… Superletxeko zintzoa nintzen. Ezin zintzoagoa izan. Orain ere zintzoa naiz, baina ez ditut ikasitako guztiak errespetatzen. Ezta hurrik eman ere! Gurasoek ez dute inolako erantzukizunik ni naizen honetan. Ez zait gustatzen inork esatea: "Jakina, horrela hezi gintuzten!". Ondo da, hezi, hemezortzi urte arte! Handik aurrera zertan eman dugu bizitza? Erantzukizuna, behin adin batez gero, ez da gurasoena, norberarena da. Askotan entzuten da: "Bai, baina eskolan buruan sartu zietena…". Niri ere galantak sartu zizkidaten, baina honezkero ez dit balio, oroitzapen hutsa da. Neu naiz neure bizitzaren erantzule, ez beste inor. Neurea da erantzukizuna.
Lanbide "liberala" izateak, laneko errutina estutik kanpo bizi izateak lagundu dizu askok ez bezala pentsatzen munduaz?
Baietz uste dut. Alde batera eta bestera begiratzen hasi eta denek dute nik baino erretiro hobea, askoz hobea, baina badakit egokituko zaidan erretiro eskasa askatasunaren prezioa dela. Eta onartzen dut! Gazteak ikusten ditut, ikasketak bukatu eta lana aurkitu, etorkizuna segurtatu nahian, langile finko izateko amorratzen… "Ondo da, zeure aukera duzu. Ni prest nago askatasunaren prezioa onartzeko". Ez naiz kexatuko.
Solasaldia egin berria duzu Gasteizen, Eider Rodriguezekin batera. Hantxe jardun zenuen, oraingo gazteak edo zure garaikoak okerrago bizi ote diren…
Ni baino okerrago ez dira biziko. Iruditzen zait pertsonok badugula joera iragana idealizatzeko, iraganean paradisuan ginela pentsatzeko. Esaten da, adibidez: "Garai bateko balioak berreskuratu behar dira". "Zer balore, ordea?". Nik liburuan erakusten ditudanak? Balio horiek ez dira berreskuratu behar: iraganean ez zen paradisurik izan. Gure ametsa da hori.
"Ni baino okerrago ez dira biziko". Zu, hasteko, aitak lehenengo aldiz besoetan hartu zintuenean, kartzelan zegoen!
Gudaria izan zen aita, gerra denboran. Zazpi urte baino gehiago egon zen kartzelan, gerra eta gero. Heriotza zigorra jaso zuen, baina pixkanaka-pixkanaka irten zen handik ere. Kartzelatik irten eta ezkondu egin zen, hilabete gutxira. Laster etorri zen lehenengo alaba, nire ahizpa zaharrena. Bigarrena, ni, 1947an, aita kartzelan zela, erresistentziaren saltsaren batean sartuta zegoelako, nonbait. Jaio nintzen, beraz, eta hilabeteetara, kartzela zaintzen zuen mojetako batek esan zion gure amari ni Mesedetako Amaren egunean, irailaren 24an –nik ia hiru hilabete nituen ordurako–, eramaten baninduen, berak sartuko ninduela barrura, aitak ikus nintzan. Orain "Francoren garaian bezala" esaten da askotan, baina uste dut neurtu egin behar dela hori esaten denean, jakin egin behar dela Francoren garaia zer izan zen, alegia.
Bi atal ere baditu zure liburuak. Batean, "Notario batek egiaztatuko lukeena" atalean, "Pertsonaia nagusiak" aurkezten dizkiguzu. Bestean, "Postalak" ditugu. Horietako batean, hantxe Franco ageri…
Franco… Gure familia antifrankista zen, baina sekretupean gorde behar zen. Agian, horrek ilunpean bizitzen, klandestinitatean bizitzen erakutsi dit, gauza batzuk disimuluan egiten, zenbait gauza ezin direla esaten… Idaztea bera, lan klandestinoa izan da niretzat oraintsu arte. Lehenengo lana ere inori ezer esan gabe bidali nuen sariketa batera… Kostatu zait, gero!, klandestinitate hori gainditzen. Uste dut azkeneko hamarraldian gainditu dudala, hasi naizela idatzitakoa jende aurrean irakurtzen. Zerbait idazten dudanean, eta irakurleak hura irakurtzen duenean, ni etxeko gotorlekuan nago, salbu! "Hona ez dira sartuko!".
Aitaz jardun duzu. Zer diozu amaz. Etxetik kanpo lanean jardun zuen, bulego materiala saltzen zen dendan…
Etxekoandre hutsak ez dakit noiz izan diren gure familiak: amona Euxebik Donostiako orfeoiaren egoitza zaintzen zuen; etxea zuen ordainetan. Amona Antxonik aitonari laguntzen zion sutegian, tira sokari alde batetik, eta hauspoari, bestetik. Gure ama ez zen etxekoandre hutsa izan, bizi osoan jardun zuen lanean, eta neuk esan behar izan nion, halako batean, nahiko lan egina zuela, uzteko lanari. Amari ez zitzaion burutik pasatzen etxetik kanpoko lana egin gabe bizitzerik! Etxekoandre hutsaren kontu hori, uste dut, historikoki, oso laburra dela. Frankismoak ekarri zuen, galtzaileen onespenez, eta bukatzera dator aldi hori ere, eta ez ideologiari edo feminismoari esker, hipotekari esker baizik: hurrengo bi belaunaldiek ezingo dute bizi soldata bakarrarekin, bi beharko dituzte.
Gurasoekin batera, oso presentzia nabarmena zure liburuan izeba Pakitak…
Bai aita eta bai ama, etxetik kanpora lanean, izeba zen gurekin etxean zegoena beti. Zorrotza zen! Eta negar egiteko prest edozein momentutan. Teatrera hutsa zen! Beti gurekin, beti etxean hura! Ez zen irteten, ez zuen lagunik, gu beste inor ez zuen!
Liburuan diozunez, gerra aurreko eta gerra ondoko izeba, bi pertsona ezberdin ziren!
Bai, horrela kontatzen ziguten. Bi lagun ziren, Gorri ezizeneko bat, eta gure izeba. Ama eta biok joan izan ginen Gorri bisitatzera ere, baina izeba ez. Kanpoko mundutik ezer jakin nahi ez zuela bizi zen. Behin, edadetua zen ordurako, zinemara eraman nuen. Gaztea izan ni! Igandea zen, eta zinemara baino lehen, kafetegira eraman nuen. Ez zuen tabernara nahi izan, eta kafetegira ere ia-ia arrastaka eraman behar izan nuen. James Bonden filma zen. Haren sustoak! "Oso ondo, baina zinera gehiago ez!", esan zidan. Kar, kar…
Gerrak izebaren izaerari egin zion kaltea…
Trauma bat izan zen. Horixe zen liburuan kontatu nahi nuen gauzetako bat: trauma, gizonentzako trauma, baina, batez ere, emakumeentzat. Gerrak ez ditu, bakarrik, hildakoak biktima. Gerra ondoren diktadura datorrenean, denak dira biktima. Zein ausartzen da ezertara? Franco bizi zela, nobio bat nuen, soldadutzan. Hark cetme baten kargadorea ekarri zidan, lau edo bost bat bala hatzaren luzerakoak. Liburu artean jarriak neuzkan. Behin, salbuespen egoera Gipuzkoan, izebak bala haiek ikusi eta: "Faborez, kendu arma horiek hemendik!". "Arma? Zein arma, gero?". Kar, kar… "Hau ez da harrika botatzen!". Beldurrak bizi zen hura, eta oso kontuan izan dut beldurraren kontu hori, gazteak hezterakoan. Alegia, nire beldurrak haiei ez transmititzen: "Zuri ematen dizu beldurra, ez niri!", esaten genion. Gurasook askotan dugu arrisku hori, gure beldurrak gure menpean bizi direnei transmititzea.
Ahizparen eta anaiaren, edo nebaren, berri axal liburuan…
Ahizpak irakurria du liburua, eta esan zidan: "Gauza batzuk ez ditut zuk bezala gogoratzen, baina gauzak zuk idatzi duzun moduan izatea, edo nik gogoratzen ditudan moduan… bion arteko nahasketa bat izango da, seguruenera". Ahizparen berri labur, eta nebarena ere gutxi, bai. Ez dut besteren bizitzan sartu nahi, nahiko lan daukat neure buruarekin.
Bigarren partean, postaletan, eliza, arropa, gorputza, ikatza… dituzu hizpide, eta, horien ondoan, baita euskara ere. Hor da euskararen mina…
Autoak ez aurrera ez atzera bide bazterrean uzten zaituenean, garabia dakarrena euskalduna bada, hobeto! Ertzainak gerarazten bazaituzte eta euskaraz hitz egiten badizute, hobeto! Niretzat, hobeto. Beste era batera hartzen dut arnasa… Gure gaztaroan, euskararen kontua oso gauza pisua zen. Gaztaroan, euskara hilzorian zegoen beti. Orain ere entzuten da hori, diskurtso agoniko hori. "Bi-hiru belaunalditan euskara akabo!", esaten dute batzuek oraindik, baina ez da diskurtso nagusia… Nik, orain, atzera begiratu eta uste dut bidea egin dugula. Sekulakoa! Sekula santan ez nuke amestuko –ez nik, ez nire ingurukoek–, gaur eguneko egoerara helduko ginenik. Bestalde, nik ahal dudana egin dut. Gero gerokoak!
Eta eliza? Nola sinetsarazi oraingo irakurle askori orduko mundua, liburuan kontatzen duzuna?
Elizaren diskurtsoaren aurrean, esate baterako, babesgabe bizi ginen. Diskurtso politikoaren aurrean, aldiz, ez ginen babesgabe, bagenuen heldulekurik. Etxean ez zen askorik esaten, baina aitak garbi utzi zigun zein zen gure jarrera, zer ginen gu. "Zer gara gu, nor gara gu, euzkotarrak gara gu!", zioen. Eta Franco, ez! Aitak esaten zuen, amak esaten zuen, izebak esaten zuen: "Franco, ez!". Argi eta garbi genekien, nahiz eta dotrinarik ez ziguten sartu. Lastima, nik orain elkarrizketa on bat egingo nioke aitari! Gazteegia nintzen ni orduan!... Elizaren diskurtsoaren aurrean, aldiz, babesgabe ginen. Etxekoek ere bat egiten zuten diskurtso harekin! Ez zegoen kontraesanik fraideek esaten zutena eta amak edo izebak esaten zutenaren artean. Kontraesanik ez! Bat egiten zuten elizarekin, Ekintza Katolikoarekin eta gainerakoekin!
Kazetari eta idazle zaitugu. Literaturaren bide estuaren bidetik jo izan duzu orain artean, eleberriak idatziz. Oraingoan, bestelakoa da erregistroa…
Bi gauza kontatu nahi nituen liburu honetan. Batetik, gerrak emakumeei ekarri zien trauma, eta, bestetik, "Gure haurrak gu baino okerrago biziko dira" dena delako horri erantzun nahi nion: "Ez dira ni baino okerrago biziko". Bi hari horiek nituen, eta biak lotzeko zeharbideak aurkitzen saiatu nintzen. Fikziotik jo, aske ibili… Liburu honetan egin dudana ez nuen sekula egin, eta, berehala, doinua aurkitu nuela iruditu zitzaidan. Oso modu intuitiboan, beti. 3 Mariak eta gero esan nion neure buruari: "Ez dela atzera begira bizi behar esaten duzu, horixe duzu dotrina, eta atzera begira jarri zara!". Baina eroso sentitu naiz horrela idazten. Oraingo bide hau aukeratzeko, "eta zergatik ez?", esan nion neure buruari. Hala ere, esan dizut, zaharrok ez gaude, bakarrik, iragana kontatzeko. Ezin esan nezake nondik jarraituko dudan, baina hau idazten gustura sentitu naizela, bai. Hala ere, esan behar dut lanean ari naizenean ez dudala disfrutatzen. Baina niretzat baliagarri den zerbait lortu dudala iruditzen bazait, horrek satisfakzio handia ematen dit. Eta norbaitek nire lana irakurri eta hitz ederren bat esaten badit, poxa ematen dit, eta pox hori ez dit beste ezerk ematen. Baina liburua argitaratzea arriskua da, agerian jartzen zara, batak hau esan duela, besteak hura. Saltsa horretan sartu ginen, eta ez dut irteteko asmorik, indarra daukadan bitartean jarraituko dut.
Jo dezagun bukaera: "Hamahiru urte nituela, hamalau betetzeko zorian, bukatu nuen eskola. Ordurako ez genuen goizetan Cara al sol abesten. Heldua zen zorioneko ofizioa ikasteko ordua".
Haurtzaroari begiratu nahi nion liburu honetan. Bestalde, nerabezarorik ba al zen, bada, orduan? Gaztelaniaz ere, "adoleszentzia", ez zen ezer gu adin horretara ailegatu ginenean. Orain muntatu da adoleszentziaren zera izugarri hori. Guk ez genekien adoleszente ginenik ere! Dena dela, haurtzaroan bukatu nahi nuen, guk eskola bukatu eta lanerako bidean hasten ginen garaian. | news |
argia-edcab82117de | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/film-bat-baloratzeko-gakoak.html | Film bat baloratzeko gakoak | Mikel Garcia Idiakez | 2014-12-14 00:00:00 | Film bat baloratzeko gakoak
Zeri erreparatu pelikula bat ikusten dugunean? Horretan laguntzeko, mahai-ingurua antolatu zuten pasa berri den Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Begoña del Teso kritikariak eta Aitor Arregi eta Ane Muñoz zinegileek hainbat gako eman zizkiguten.
Aurreikuspenek nola eragiten dute film bat ikustera goazenean? Aurretik irakurritako zine kritikak adibidez zein garrantzi izan behar luke?
A. Arregi: Kritikak eragina du, jakina. Gaur egun, inozentzia galdu dugu pelikula baten aurrean: trailerrak, kritikak... Informazioa ugaria da interneten eta zaila da pelikula bat ikustera joatea ezer jakin gabe, zaila da aurreiritzirik ez egitea. Iristen zaiguna filtratzen jakin beharko genuke, baina egia da pelikula batek bost izar izateak baldintzatu egiten zaituela.
B. del Teso: Egunkariek kritikarioi jarri diguten zigor handia dira izarrak. Jende askok dena egina nahi du, eta hein batean normala da, jakin nahi duelako sarreragatik 8 euro ordaintzea merezi duen ala ez. Baina zeri jartzen dizkiozu hiru izar? Zer da "Interesgarria"? Bat, bi izar kaskarrari edo maisulanari bost jartzea errazagoa da; hiru izar horiek dira zailenak eta badakizu askotan pelikula horrek aretoetan izango duen arrakasta baldintzatzen ari zarela. Aktore interesgarriak dituelako emango dizkiot hiru izar? Zalaparta sortu duelako? Txikia izanik salbatu nahi dudalako?... Eta bost izar jartzen dituzunean ere kontuan hartzen duzu jende bati agian ez zaiola batere gustatuko; alegia, bost izar horiek nireak dira, eta kritikan argitzen saiatzen zara: bost izar jarri ditut baina kontuz ibili, ez bazaizue gustatzen Ukrainako zinema, edo halako zuzendaria, edo bertsio originala… ez joan, eta izar bat jarri dudanean berdin, nire ustez ez du zinematografikoki merezi, baina bai beharbada ahaleginagatik, edo sortu duen gatazkagatik… Arazoa da jendeak kritika irakurri beharrean sarri izartxo horiei baino ez diela erreparatzen eta gauza beldurgarria eta hilgarria dira izarrak.
A. Arregi: Bai, behartzen zaituztelako pelikula bat neurtzera eta zelan egiten da hori, zelan neurtu neurtezina dena? Ez dago mundu guztiari ikaragarria irudituko zaion pelikularik, eta beraz ezin da kategorikoa izan. Paradoxa horretan bizi gara: alde batetik filmak neurtzea nahi dugu, baina gero sarri ez gaude ados jarritako izar kopuruarekin eta kexu gara. Niretzat, zuzendaria eta aktoreak bermea dira; David Fincher-ekin konektatu egiten dut adibidez, eta Leonardo DiCapriok ere bermea ematen dit, film onetan parte hartu ohi duelako.
A. Muñoz: Nik lehen kritikak irakurtzen nituen pelikula ikustera joan aurretik, baina baldintzatuta joaten nintzela konturatu nintzen eta amorrua ematen zidan zinemara garbi ez joateak. Jendeak ere, filma ikusi ostean "gehiago espero nuen" esaten dizu, beti konparatuz, zer iruditu zaion esan beharrean. Gaur egun, kritikak pelikula ikusi ondoren irakurtzen ditut eta aurretik kontuan hartzen dudan irizpide nagusietakoa da filma jatorrizko bertsioan ikusteko aukera.
B. del Teso: Nik probokazioa bilatzen dut pelikuletan. Ezin ditut jasan ikusi gabe aldez aurretik ezagutzen ditudan pelikulak. Probokatuko nau pelikulak? Kritikari eta gizaki gisa zalantzan jarriko nau?... Sentsazio horien bila ibiltzen naiz.
Zinemaz dugun ezagutzak eta erreferentziek pelikula hobeto balioztatzen lagun diezagukete. Nola landu dezakegu begirada ikus-entzuleok?
A. Arregi: Ikusle moduan entretenitu nazala, hori da pelikula bati eskatzen diodan lehenengo gauza, harrapa nazala eta trama jarraitzeko eta istorioa nora doan jakiteko gogoz mantendu nazala. Pelikula nora doan eta nora naraman ez jakitea gustuko dut, jokoan sartzen naiz eta ondoren saia naiteke pelikulak dituen beste geruzak eta mezuak ikusten, baina bortxatu barik. Ez naiz oso ona sinbologiak eta mezu ezkutuak hitzez adierazten; gustatu zait eta hurrengo ordu eta egunetan pelikula buruan izango dut, eta hori sentsazio ederra da. Abentura generoak piztu zidan niri zinezaletasuna eta zinemaren munduan nabil besteak beste Indiana Jones -engatik. Akzio eta gidoi izugarriak ditu trilogiak, askotan ikusi dut eta harrapatu egiten nau. Ez dakit zenbat geruza dituen, beste ikuspuntu batzuetatik begiratu behar ote den… Dakidana da oso gustuko dudala. Nerabezaroan The Man Who Would Be King ikusi eta honek ere harrapatu egin ninduen. Beste mota bateko abentura filma da, pausatuagoa… eta ikusten duzu atzean zerbait gehiago ere baduela. Gerora, Lawrence of Arabia deskubritu nuen, abenturazkoa baita ere eta makina bat geruza, metafora eta abar dituena. Jakin badakit Lawrence -k Indiana Jones -ek baino sakontasun handiagoa duela, baina ez eskatu horien artean erabakitzeko, behin eta berriz ikusi ditzaket hirurak, eta horrek esan nahi du zerbait daukatela, baina ez dakit sekretua zein den. Ikusle bakoitzak bere buruari egin behar dio kasu: gustatu zait? Bada hori asko da. Barre egin baduzu, ez gutxietsi zure iritzia "ofizialki" pelikula txarra dela esan dutelako.
B. del Teso: Bakoitzak nahi eta ahal duen moduan heltzen dio zinemari, pelikula bat ikusi eta ez duzu zertan irakurketa sakona egin. Oso ezberdina da nola heldu ginen gu zinemara eta nola heltzen diren orain; ume eta gazte askorentzat ordenagailuan ikusi dezaketen hori da zinema; erreferentziak, edadeak, gustuak, bizimodu aldaketa… kontuan izan behar dira. Orain 80ko hamarkadako zinema dago modan, hamarkada horretan gazteak zirenak orain zinemaldietako antolatzaile eta kritikari bihurtu direlako, eta euren erreferentziak Gooniak, Gremlinak eta halakoak dira.
A. Muñoz: Institutuan Charles Chaplinen Modern Times jarri ziguten eta barre asko egin nuen. Bigarrenez ikusi nuenean, gauza berriak antzeman nituen, modernitateari egindako kritika, makinek alienatutako gizakiak, errealitate ekonomiko eta sozial gogorra… Pelikula dibertigarria izateaz gain irakurketa gehiago zituela konturatu nintzen eta istorioaz harago harrapatzen ninduten beste faktore batzuetan erreparatzen hasi nintzen. Zinema asko ikustearen poderioz, azalean ikusten dena baino askoz gehiago egon daitekeela konturatu nintzen. Ni harrapatzen naute gertukotasuna daukaten istorioek, ez niri gertatu zaidalako, nigan enpatia sortzeko gai direlako baizik. Zientzia fikzioa ikustera banoa, ikuskizunaz, efektuez… gozatzera noa, baina istorio txikiak eta gizatiarrak nahiago ditut.
A. Arregi: Zientzia fikzioak, dena den, gauza oso gertukoez eta gizatiarrez hitz egiten digu sarri, baina gure errealitatetik ateratzen da eta kanpotik kontatzea batzuetan sanoagoa da, gure gizarteko hainbat kontuz gogoetatzeko.
B. del Teso: Hainbatetan jendea trabatuta geratzen da, pelikulak ez duelako hau edo bestea azaldu. Lasai, disfrutatu eta ahaztu zergatiak eta motiboak. Sorgindu bazaitu, edertasunaz gozatu eta ez kateatu.
A. Muñoz: Baina batzuetan ikusleak dena ulertu nahi du eta frustrazioa sortzen zaio. Utzi pelikulak eraman zaitzan… Niri filmak bakarrik ikustea gustatzen zait, eta aurrean bururik izan gabe.
B. del Teso: Baina pelikula batzuek ikuslegoa behar dute. E.T. Errege Egunean Astorian eta jendez inguratuta ikustea, adibidez, ahaztuko ez zaizun esperientzia da. Jendearen emozioa, sustoak… Berdin beldurrezko hainbat filmekin. Banpiroei buruzko Twilight sagak duen arrakasta ulertzeko, esaterako, kritikari bezala ona da jendez betetako aretoan ikustea, jarraitzaileei zer ematen dien jakiteko.
Hain justu, genero eta pelikula mota batzuk gutxietsita daude. Balorazioa eta exijentzia maila aldatzen dira, generoaren arabera?
A. Muñoz: Genero bakoitzaren barruan denetik aurki daiteke, helburuei, sakontasunari, antzezpenei… dagokienez. Daukadan egunaren eta aldartearen arabera, film mota bat edo beste bat aukeratuko dut, genero bat edo beste bat. Batzuetan ihesbide bat baino ez duzu bilatzen zineman.
A. Arregi: ETBn botatzen dituzten western-etan adibidez sekulako lanak daude eta harrigarria da zenbat gauza kontatzen dituzten 80 minututan, besteak beste ez dituztelako hainbeste minutu behar girotzeko eta testuinguruan kokatzeko. Genero guztietan aurki ditzakezu ezustekoak; musikalak berez arinagoak direla pentsatzen nuen lehen, baina begira West Side Story, Cabaret, All That Jazz, Singin' in the Rain …
B. del Teso: Zinema komertziala zaborrarekin alderatzen da sarri, baina komertzial izateko jaio zen zinema, ferietako atrakzio gisa.
Bi oinarri dituzte pelikulek: istorioa eta gidoia batetik, alderdi narratibo, formal, estetiko eta teknikoak bestetik. Montxo Armendarizek esana da istorio guztiak kontatuak daudela dagoeneko, istorioa kontatzeko modua eta zuzendariaren begirada direla aldatzen dena. Zuek zeri ematen diozue garrantzia?
A. Arregi: "Zer" eta "nola" kontatu lotuta daude eta inportanteak dira biak. Ikus-entzunezkoak irudia mugimenduan du, baina zuzendari batzuek dena gidoiaren bidez kontatzen dute, dena azaltzen diote ikusleari, puzzle osoa, eta niretzat politagoa da puzzlean hutsuneak daudenean, elipsiak… Informazioa iruditan eta elkarrizketetan errepikatu beharrean, bi horien arteko jolasa bilatzen duten filmak nahiago ditut, iradokitzaileak direnak, "nola" horretan indarra jarri eta ikusleari lan pixka bat eskatzen diotenak, dena azaldu eta mezu kategorikoak ematen dituztenak baino. Bi estilo dira: Kubrickek adibidez galderak planteatzen ditu bere pelikuletan eta Spielbergek erantzunak eman, eta Spielbergek arrakasta dauka, jende bat erosoago eta lasaiago sentitzen delako horrela.
B. del Teso: Unearen arabera batzuetan erantzunak nahi dituzulako eta beste batzuetan berriz, galderak planteatzea. Niri ere, Aitorri bezala, gustatzen zait zuzendaria nitaz fio denean, eskutik eramaten nauenean baina dena xehe-xehe eman gabe, azkarra naizela dakielako. Egungo film ugaritan zuzendariak minutuak eta minutuak jaten ditu zuk aldez aurretik bazenekiena azaltzeko.
A. Muñoz: Egilearen eta ikuslearen arteko konplizitate hori aberasgarriagoa iruditzen zait niri ere, eta Armendarizek dioenari helduz, zuzendariaren begirada oso garrantzitsua da. Loreak filma esaterako: istorioa mila modutara konta daiteke, eta zuzendariek egin duten modua iritsi egin zait, gertakariak eta pertsonaiak ulertzen saiatzeko ikusleari ahalegin txiki bat eskatzea, baina ahalegin atsegina, istorioaren partaide sentiaraztea. | news |
argia-0d96fed7b2de | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/lekitto-belarra-eta-sorkia.html | Lekitto-belarra eta sorkia | Jakoba Errekondo | 2014-12-14 00:00:00 | Lekitto-belarra eta sorkia
Udazkeneroko dolarez dolareko ibileran, aurten geldialdi berri bat egitea egokitu zait. Ustekabean topatu dut dolarea. Txakolin dolarea. Lekeitiora gonbidatu naute, baratze batera. Gezurra badirudi ere, lurrekotik lotu naute Lekeitiora, ez itsasokotik.
Garai batean txakolina erruz egiten zen Lekeition, milaka litro asko eta asko. Egun oso gutxi egiten da, baina txakolin polita. Nik Itziar Goienetxeak Pipas izenarekin egiten duena dastatu dut: ederra!
Usotegin ezagutu nuen txakolin hori. Usotegi, herriko sarreran dagoen baratze eder baten izena da. Pendiz bizian, harlanduzko harresiz inguratuta, taulen erosoak izateko mailakatutako baratzera, beheko kaleko sarrera hanpatsu batetik erdiz erdi gora egiten duen eskailera zabal batetik igotzen da. Goian, usategi handi bat, Calabria edo Peloponeso gogora ekartzen duten bere onetik ateratako altzifre ( Cupressus sempervirens ) hesi dotore bat zenaren hondarrek babestua. Toki ikusgarria, eguzki begi egutera ezin ibargiagoa. Atlantikora ekarritako Mediterraneo puskatxo bat.
Utzia ez, utzietsia baino gehiago abandonatua zegoen baratze hori herri baratze bihurtu dute. Lekitto-belarra (barrabasa edo txomin-belarra, Oxalis acetosella ) deitu dioten elkarte bat sortu, eta herritar mordo bat hor dabil, baratzea aitzakia duela, lurrarekiko lotura lekeitiarren artean itsatsarazi nahian. Belar madarikatuaren izena iraultzarazi. Herriarena den baratze horren utzikeria iraultzeari ekin ziotela bi urte bete dira aurten, eta, txukundu eta ederki jantzi ondoren, jendeari ireki dira baratzea eta baratzezainak. Jai gozoa eratu dute: joaldunak, herriko nekazarien mozkinak...
Hortxe zegoen aipatutako txakolina. Aldameneko mahaian, pipermin ( Piper sp.) eta kipula gorri ( Allium cepa ) artean hantxe, aulkitxoan, Mendexako Perlieneko Edurne Agirre. Piperminen minaren graduaz galdetu eta betirako lagun egin ginen. Hamahiru urte zitueneko kontuak berritu zizkigun, duela 69, tratura jaisten hasi zenean emakumeek buruan, sorkiaren gainean, edozer gauza nola garraiatzen zuten, otzara bezala pegarra, gerriaren hara-honako graziaren zipitzik ere galdu gabe, marinelen bat begira izanda ere... Sorkia, urteak neramatzan hitz horren peskizan. | news |
argia-dcaf575cd12f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/enplegu-ezegonkorra-eta-babes-sozialik-eza.html | Enplegu ezegonkorra eta babes sozialik eza | Juan Mari Arregi | 2014-12-14 00:00:00 | Enplegu ezegonkorra eta babes sozialik eza
Espainiako Gobernuak, baita Gasteiz eta Iruñekoek ere, oso baikor baloratu dituzte azaroko enpleguaren sorrera datuak. Baina objektibotasunez eta zehatz-mehatz aztertzen baditugu, ez dira etxafuegoak botatzeko modukoak. Sortutako enpleguak kalitate baxua du, ezegonkorra da, behin-behinekoa eta ordu gutxi batzuetarako baino ez diren kontratuak biltzen ditu batez ere. Langabetuek gero eta babes sozial gutxiago daukate, eta beti gertatu izan den bezala, emakumeak eta gazteak dira paroa gehien jasaten dutenak. Espainiako Estatuan Gizarte Segurantzara izena emandakoak 5.232 gehiago dira eta 14.668 langabetu gutxiago daude, 4,5 milioi osotara. Espainiako Estatuan kotizatzen dutenen azaroko gorakadak gizonei baino ez die eragin ordea (7.165 gehiago), emakumeak kaltetuta atera dira (1.932 gutxiago).
Hego Euskal Herriaren kasuan, 1.606 pertsonatan gutxitu da langabezia; 216.235 lagun daude lanik gabe. Lan kontratuen kopuruak baina, goitik oso behera egin du: 24.743 kontratu gutxiago sinatu dira. Kontratazio mugagabea %31,73 jaitsi da. Hala, 2008ko urtarrila eta azaroa artean 91.702 kontratu mugagabe sinatu ziren; aurten berriz, epe berean 62.600 baino ez dira izan. 2014an sinatutako kontratuen ia %94 ezegonkorrak dira. Langabetuentzako babes sozialik ezak 119.560 pertsonari eragiten dio, hau da, lanik gabe daudenen %54,88ri. Horrek esan nahi du milaka lagun horiek ez dutela inolako prestazio ekonomikorik jasotzen. Langabezian dauden lautik bakarrak baino ez du jasotzen ordaindutakoaren araberako prestazio bat.
Testuinguru hori ikusita, beharrezkoa da gobernuek kalitatezko enpleguaren sorrera sustatzea eta emakumeen eta gazteen artean enplegua indartzea. Era berean, epe luzean langabezian daudenentzako politika sozial eta zerbitzu publikoetan inbertitu behar da. Ustelkeria, iruzurra eta paradisu fiskalak ezabatuko lituzketen politika irmoek inbertsio hori egiten lagunduko lukete. | news |
argia-51fce64466f8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/felipe-uriarte.html | "Agian naturaren falta sumatzen dugulako itzultzen gara mendira" | Reyes Ilintxeta | 2014-12-14 00:00:00 | "Agian naturaren falta sumatzen dugulako itzultzen gara mendira"
Munduan barnako bidaiak batez ere barne bidaiak direla esan digu jendeari mendi gailurrak oparitan ematen dizkion mendizale kementsuak.
Aita itsas gizona eta semea lehorzalea?
Aita bizkaitarra eta barrualdekoa zen, Galdakaokoa. Itsas gizona izateko ikasi zuen. Gazte-gazterik Pasaiara joan eta han hasi zen lanean Pisbe izeneko bakailao enpresa handian. Zortzi ontzi zituen enpresak eta horietako batean, Galerna deiturikoan, pasa zuen bizitza erdia. Ternuan lan egin zuen bakailao arrantzan. Eta Pasaiako neska eder batekin ezkondu zen, Angelita Camara, gure ama, oraindik bizi dena. 97 urte ditu.
Zu itsasoan ibili zara?
Bai, baina belaontzietan. Baditut lagun pirata batzuk eta haiekin egin ditut halako bidaia politak. Luzeena izan zen Bartzelonatik abiatu eta Groenlandiako mendebaldeko kostaraino, Umanaq fiordoraino. Zazpi hilabeteko itsas bidaia ederra izan zen.
Mendizaletasunaren harra txikitatik sentitu zenuen?
Euskal Herriaren erditik etorri eta itsasora jo zuen gure aitak, nik aldiz itsasertzean jaio eta mendira jo nuen. Nork daki egiten ditugun gauzak zergatik egiten ote ditugun. Bizitzak eskutik hartu eta mendietara eraman ninduen. Pasaia oso herri berezia da, fiordo bat bezalakoa. Mendi txikitxoak daude, itsasoa dago… Amets egiteko tokia da. Nik amets asko egin ditut Ternuarekin, itsasoarekin… Behin aitaren barkuan foka bat ekarri zuten eta beste behin hartz bat. Oso gaztaro ameslaria bizi izan nuen eta nik beti errua, modu samurrean, nire herriari bota diot. Pasai Donibane beti izan da nire bihotzean eta segitzen du izaten nire bizitzaren erdian. Nire iruditerian beti da bidaia guztietako hasiera eta bukaera. Bidaia zirkularrak egiten ditut beti. Eta bizi izan naizen toki guztiak ere, Donostia, Hondarribia, Gaintza, Oñati… Toki horiek guztiak Pasai Donibanen sartzen ditut.
Norekin hasi zinen mendira joaten?
Gehienetan bakarrik. Gustuko nuen han ibiltzea. Eskalada ikastaro bat egin nuen eta itsas argiaren inguruan dauden harkaitzetara joaten nintzen maiz, batez ere eguraldi txarra egiten zuenean eta olatuek harriaren kontra jotzen zutenean. Olatuak lehertzen ikustea gustuko dut. Oso giro estetikoa da hori. Gero Pirinioetara joaten hasi nintzen eta ondoren Alpeetara, Himalaiara…
Eta egun, norekin ibiltzen zara mendian gustura?
Bakarrik ibiltzea ederra da, askea eta bakartia sentitzen zara, eta toki ona da mendia bakardadea dastatzeko. Taldean ere gogoko dut, sarri horrelakoetan lanean nago, eta mendia konpartitzea ederra da, ogia, gazta eta ardoa konpartitzea bezain ederra. Azken garai honetan umeekin mendian ibiltzea laket dut. Eta are ederragoa bikotekidearekin mendian aritzea, bakarrik ez eta maite duzunarekin zaude naturan.
Mendizale asko Euskal Herrian. Aparteko afizioa dago hemen?
Baietz esango nuke. Euskal Herria horren txikia izanik ere, hemen baditugu hiru mendizale zortzi milako guztiak egin dituztenak. Eta hori toki askotan ez da gertatzen. Nik dakidala, Frantzia osoan oraindik ez dago mendizalerik zortzi milako guztiak egin dituenik, adibidez. Zergatik ote? Zalantzarik gabe mendizaletasuna ez delako soilik kirola. Kirol hutsa baino ederragoak diren gauza batzuk badira hemen. Mendizaletasuna eta bidaia hertsiki lotuta daude. Ezin da ulertu mendia bidaiarik gabe. Pentsatzen dut gure gizartea garai batean naturarekin oso lotuta egon dela. Hiri handirik ez da izan hemen orain dela gutxira arte eta gure hiriak baserritarrez beteta daude. Agian naturaren falta sumatzen dugulako itzultzen gara mendira, milaka urtez gure ingurunea izan den horretara.
Belarriak erne edukita, zer entzuten da mendian?
Norberaren barnealdeko zurrumurruak, istorioak, asmoak, nahiak, ahuldadeak, beldurrak, sasoia… Txikia zara eta txiki sentitzen zara, baina aldi berean handi, naturak asko ematen dizulako. Zure txikitasunean handi egin behar duzu eta zure onena atera, han segitzeko.
Onena atera naturarekiko eta besteekiko ere bai?
Bai. Zure onena eta zure txarrena ere ateratzen da. Mendiak ez zaitu hobea egiten, baina zer zaren agerrarazten du, nolakoa zaren zure barne-barnean.
Lehia handia al dago goi mailako mendizaleen artean?
Bai, bai lehen eta bai gaur egun ere. Baina hori ez da batere osasuntsua. Mendizaletasunaren idatzi gabeko arauetan lehia izatekotan mendizaleok mendiarekin dugu, naturarekin. Lehia baino, harremana esango nuke. Letek aspaldi esan zuen: "Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea". Espedizio handietan batez ere, aldaketa handia nabari da azken urteotan. Gure gizarte mendebaldarra aberatsagoa da orain, europarra, ipar amerikarra, Australiakoa… eta errazago mugitzen gara. Gizartearen joerak ere aldatu dira. Turistak garela? Bai. Baina horrek bere alde onak ere baditu, horrekin bertako jendeak lana topatu duelako. Asko eztabaidatzen da, adibidez, sherpak negozioa egiten ari omen direlako Everesten. Mespretxuz esaten dute hori. Ni ez nago batere ados. Haiek lanean ari dira eta izugarrizko lan gogorra egiten dute gainera, eta horri esker beren seme-alabek ikasteko aukera dute eta haien etxeak hobeak dira orain. Everest, Kilimanjaro, Andeetan bizi den jendeari garapen handia ekarri die mendiko turismoak. Askotan mendebaldarrok ohitura dugu gure begiekin ikusteko dena eta ematen du munduko zentroa hemen dagoela, eta ez da horrela. Himalaian bizi den batentzat munduaren zentroa han dago. Zentro asko dago munduan. Egin beharko genukeena da denak garbiago jokatu, zaborrarekin adibidez. Orain hobeto doa, baina asko gelditzen da egiteko.
Dirua al da edozein tokitara joateko balio duen pasaportea?
Ez du zergatik horrela izan behar: askoz gehiago balio du abiatzeko gogoak.
Eta dirutan, zenbat balio du bidaia handi horietako bat egiteak?
Everestera 50.000 euro. Kilimanjarora 4.000 inguru.
1974an "Tximist" lehen euskal espedizioa egin zenuten Himalaiara, Everestera.
Horrela hasi zen garai modernoa Euskal herriko medizaletasunean. 1969an Peruko Andeetara joan zen talde bat. Inork inoiz zapaldu gabeko bost mendi egin zituzten eta ondoren hasi ziren prestatzen Himalaiarako lehen espedizio hau, Cegasa enpresak babestua. Juan Zelaia, enpresa horretako nagusia, euskal mendizaletasunean oso pertsona berezia izan da eta berehala ikusi zuen proiektua oso interesgarria izan zitekeela. Hamabi lagun izan ginen eta Nepaleko hogeita hamar bat sherpa. Ez ginen gailurreraino igo, baina esperientzia handia hartu genuen hurrengo espedizioetarako.
1976an Mendiak eta Herriak sortu zenuenetik zuzendari jarraitzen duzu.
Esango nuke zuzendaria baino gehiago idia naizela. Sortu eta berehala hasi ginen bidaiak egiten Perun, Pirinioetan, Nepalen… Mendian egiten diren jarduera guztiak antolatzen eta gidatzen ditugu: ibilaldiak, igoerak, mendiko eskia, harkaitz eskalada, ibilaldi samurrak, 6.000-7.000rako espedizioak… Denetik. Lau hasi ginen: Martin Zabaleta, Xabier Erro, Julio Villar eta ni neu. Bizitzak beste bide batzuetatik eraman ditu beste hirurak eta ni naiz segitzen duen bakarra. Egun zazpi lagun gara eta orain jende gazte eta zoragarria dugu, oso ondo prestatuak eta mendi gidarien ofizioa maite dutenak: Igor Lasa, Julen Reketa, Garo Azkue, Leire Urretxo, Aitor Rufo eta Ibon Ginea "Mutiko".
Bazter guztietako xokorik ederrena?
Ederrena ez dakit, baina Euskal Herria munduko ederrenetakoa, zalantzarik gabe. Mendirik politena Balerdi, etxeko leihotik ikusten dudana delako. Eskura dut eta oso ederra da gainera. Baina leku guztietan badira ikuspegi ederrak: basamortuan dagoen bakardadea eta ilunabarrean sortzen diren argi eta koloreak, toki txikienean dagoen baso puska hori udazkenean… Planeta osoa da ederra.
Eta barruan iltzatuta gelditu zaizkizun hiru toki zehatz?
Menditik jaitsi eta hiru hiri aipatuko dizkizut: Isfahan Iranen, Gao Malin, eta Copiapó Txilen. Hirurak dira ederrak, geografia eder batean kokaturik, eta berezko barne geografia berezia dutenak. Hango biztanle xaloak beraien kaleetan paseoan ibiltzen dira lasai.
Zer bidaia egiteko gogoa duzu?
Beti amestu dut Euskal Herrian zehar bidaia luze-luze-luze bat osatzea, herriz herri, mendiz mendi, jendez jende, hizkeraz hizkera, urtaroz urtaro.
Denboraren makinan sarturik zein garaitara eginen zenuke salto?
Shackleton eta Geoffrey Winthrop Young-en garaietara. 1876-1958. Shackletonen Endurance itsasontziko kidea gustatuko litzaidake izatea eta Youngen sokakidea Breithorngo 4.160 metrora dagoen Ipar Ertzean. 1920an Pasai Donibaneko San Juan traineruak Kontxako Ikurrina irabazi zuen, patroia Matxet handia zuela. Garai ederrak haiek. Halere gustura nago hemen eta orain. Garai hobeak datoz Euskal Herriarentzat, askeagoak, eta horretarako nire alea ipintzen saiatu nahi nuke.
Mendian hotzak eta bakardadeak inguraturik, zer duzu buruan?
Hotzari ez utzi gehiegi nire gorputzera hurbiltzen. Bakardadeari begietara begiratzea, konplizitatez.
Heriotzarekin zer harreman duzu?
Elkarri zeharka begiratzen diogu, disimuluan.
70 urte bete eta gero maldan behera zoazela sentitzen duzu?
Bizitza osoan ibili izan naiz maldan gora, maldan behera, ohituta nago.
Zer aldatuko zenuke zure bizitzan?
Dagoeneko ez dago ezer egiterik, bizi dudana bizi izan dut. Eta nolako lana orain aldatzen hastea!
Eta gure Euskal Herri honetan?
Euskararekiko euskal jendearen atxikimendu eskasa. Euskal abertzaleen arteko arrakala konpondu, itxi, eta denok bat egitea. Independentziarako bide luze eta zailean Euskal Herriko Iparra eta Hegoa hurbildu eta batzea, ezinbestekoa baita, denok dugu besteengandik zer ikasi. Iparrak Hegoa behar du, Hegoak Iparra.
Zein da zure helmuga, gailurra, helburua bizitzan?
Planetan gailur asko daude ezagutu nahi nituzkeenak, haien haizea dastatu, hango herriak ezagutu. Menditik kanpo, gure herriarengatik zerbait egitea eta nire azukre koxkorrari bizitza goxatzen laguntzea.
Beti izan dut joera aurrera begiratzeko. Dudan pena bakarra da denbora gutxi gelditzen zaidala jo eta ke aritzeko mendian. Bizitakoa hor dago eta ederra da. Goi mendi gidaritzak badu alde oso on bat: mendi gailurrak oparitu egiten dizkiot nirekin mendira etortzen den jendeari, nire sokan lotzen den orori. Hori ofizio zoragarria da, ezta? Mendi gailurrak oparitu, berdin lanean berdin lagunekin izanda ere. Emozioak, herriarekiko, naturarekiko, pertsonekiko emozioak oparitu. | news |
argia-bee1c70f3a04 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/gal-eta-kontzientzia-objekzioa.html | GAL eta kontzientzia objekzioa | Rosa Maria Martin Sabaris | 2014-12-14 00:00:00 | GAL eta kontzientzia objekzioa
Unibertsitateko ikasketen azken eraldaketa 1999an hasi zen Boloniako Adierazpena sinatu zenean. Etorkizunean izango genuen ikasketa eredua hasi zen sortzen. Orduko ikasleen protestak handiak izan ziren, eurek ikasketa plan berriak ezagutuko ez zituzten arren. Aitzitik, egun unibertsitatean ditugun ikasleak haurtzaindegian zeuden orduan, eta ez zuten aukerarik izan hezkuntzaren merkantilizazioaz eztabaidatzeko. Iragan laburra dute egungo ikasleek. Ez dute gogoratzen Boloniako Adierazpena, eta ez dute ulertzen GAL akronimoak beste batzuongan sortzen duen egonezina.
Ikasketa Plan berrien sorkuntza garaian, Gradu Amaierako Lana, Gradu Bukaerako Lana izan zedin ahaleginak egin ziren, garai beltzak ez gogoratzeagatik edo. Baina azkenean toki gehienetan GAL izenarekin gelditu da unibertsitateko oinarrizko ikasketei amaiera ematen dion lana. Ikasle askorentzat GAL ikasturte amaieran entregatu beharreko lana da, ez besterik.
Horrelako lau ikasleren tutoretza egokitu zait aurten. Irakasleak arloak eskaintzen ditu, eta emaitza akademikoen arabera, sistemak ikasleak esleitzen dizkio. Nire kasuan, arloa dokumental baten ekoizpena eta errealizazioari dagokio. Alegia, ikasleek dokumental bat egin behar dute.
Tutoretza-bilerak egiten hasi naiz lau ikasleekin batera. Eta beti bezala, zera iragarri diet: ni lagun izango nautela ikasketa prozesuan; nik dokumentala egiten lagunduko diedala, baina gaia aukeratzeko erabateko askatasuna dutela. Hasi dira buruan bueltaka dituzten gaiak aipatzen: ahozko kultura, arrantzaleen bizimodua, isiltasuna, musika talderen bat, agility izeneko jarduera berria...
Laugarren ikasleak bat-batean bota du berea: "Guardia Zibila". Isilunea. Txistua irentsi dut. Urtero luzatzen diedan galdera atera zait: "Eta ikuspuntua?". Ikasleak guardia zibilen bokazioari buruzko dokumentala egin nahi duela zehaztu du. Orduan, beste ikasle batek zera galdetu dio: "Zertarako? Duten irudia garbitzeko?". Azken galdera ez zaio gustatu gaia proposatu duenari.
Bulegotik irten direnean, a zelako fardela utzi didaten pentsatzen gelditu naiz, a zelako zeregin zaila, a zelako erronka! Lankideekin komentatu dut. Batek nik lan horren tutoretza ez nukeela egin beharko esan dit, "gutxienez, Guardia Zibilak barkamena eskatu arte".
Unibertsitateko hezkuntzan zeintzuk dira kontzientzia objekzioa egiteko arrazoiak? Zeintzuk mugak? | news |
argia-b9bdfdbd8949 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/palestina-ikusarazten.html | Injustiziaren aurkako diseinu grafikoa | Axier Lopez | 2014-12-14 00:00:00 | Injustiziaren aurkako diseinu grafikoa
Khader Adnanen askatasuna 66 eguneko baraualdi batek ekarri zuen, Palestinako preso politiko batek inoiz egin duen gose grebarik luzeenak. 2012ko otsaileko egun haietan epe luzeko gose greben ondorio fisikoei buruzko infografia bat bolo-bolo mugitu zen sare sozialetan. Istorio grafikoak sortzen dituen Visualizing Palestine (Palestina Ikusarazten) proiektuaren lehen agerpena izan zen hura. Harez gero, estatistikak eta diseinu grafikoa lotuz, dozenaka lan sareratu dituzte, Israelen okupazioak palestinarren egunerokotasunean sortzen dituen bortizkeria eta diskriminazio egoerak azaltzeko asmoz.
Estatistikak erakusteko ohiko infografien eta kaleko kartelen arteko hibrido ikusgarriak sortzen ditu Visualizing Palestine (VP) kolektiboak. Mundu mailako onarpena duten zenbait erakunderen datuak erabiltzen ditu horretarako: Palestinako, Israelgo zein nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeak, instituzio akademikoak eta bestelako iturri ofizialak. Facebook, Twitter, Tumblr eta visualizingpalestine.org webgunearen bitartez zabaltzen dituzte lanak.
Visualizing Impact (VI) kolektiboaren lehen proiektua da VP. Beirut, Amman, Montreal eta Ramallah artean banatuta dauden hamar lagunek osatzen dute lantaldea. Horien artean, ikerleak, diseinatzaile grafikoak, garatzaileak eta informazioaren zabalkundean aditu direnak daude.
VIko ikerketa eta ekoizpen arloetan lan egiten du Ahmad Barclay arkitektoak. VPren ideia aurki Ekialde Hurbileko beste zenbait herritara ere zabaltzeko asmoa dutela azaldu digu.
Zerk bultzatu zintuzten Visualizing Palestine proiektua abiatzera?
Palestinari buruzko albiste eta erreportaje asko dago. Gehiegi akaso. Mendebaldeko herrietan bereziki, gehiengoak jasotzen duen informazioa zehaztugabea da nagusiki. Palestinarrei egindako lapurreta, marjinazio eta okupazioari buruzko kontakizunak izan beharrean, de-facto Israelen menpe dagoen lurralde hartatik datozkigun istorioek bi indar parekatuen arteko gatazka batez hitz egiten dute maizegi. Are gehiago, palestinarren biolentzia testuinguru edo motibaziorik gabe aurkezteko joera dago, eta aldiz, Israelek erabiltzen duen bortizkeriaren justifikazio ofizialak normalean ez dira ezbaian jartzen.
Informazio gaindosi horrekin lotuta, oso zabalduta dago "gatazka ulertzea zaila da" dioen ideia. Gezurra den aurreiritzi horri egin nahi diogu aurre. Jendearengan kritikotasuna landu nahi dugu arrazoi eta argudio anitzak emanez.
Zergatik aukeratu dituzue grafikoak eta estatistikak?
Narratiba ofiziala zuzentzeko asmoz, beste multimedia proiektu batzuek bide tradizionalak edo kazetaritza herritarra erabili dituzte. VPren lantaldean ondorioztatu genuen gatazkaren jatorria azaltzeko infografiak –eta animazio grafikoa eta web interaktiboen moduko eduki bisualak– tresna egokienak direla. Nazio Batuen Erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeek eta beste iturriek ezinbesteko datuak argitaratzen dituzte, baina oso era akademikoan. Adibidez, zeinek irakurriko du 200 orriko txostena Israelek atxilo dituen adingabeen inguruan? Informazio horrek gatazkaren egiazko dinamikak azaltzen ditu, baina zabaltzen duten eran nekez helduko da gizartearen gehiengoarengana. Infografiak, egoki erabiliz gero, datu gordinak era ulerterrazean aurkezteko gaitasuna du, eta gisa horretan gainera, kazetaritza artikuluen edo iritzi artikuluen edukiak gezurtatzea baino askoz zailagoa da.
Nolakoa da infografiak sortzeko prozesua?
Zirkularra: gaiak identifikatu, ikertu, narrazioa sortu eta datuak aurkeztu, diseinatu, hedatu eta eraginaren ebaluatu. Gero eta maizago kolaboratzaileekin lanean ari gara gai bakoitzaren inguruan eduki mota anitzak sortzeko, eta sarean zein saretik kanpo, horien zabalpena handitzeko.
Apurka-apurka munduko leku askotara heltzen ari da zuen lana.
Gaur arte lanak ingelesez eta arabieraz sortu eta hedatzean jarri ditugu gure indarrak. Halere, guregana jo duten taldeen eta norbanakoen lan boluntarioari esker, gaur egun gure grafikoak hamabi hizkuntzetan daude eskuragarri eta hala, dozena bat estatutan antolatu dituzte erakusketa publikoak.
Egia, aukeratutako informazio iturrien arabera eraikitzen dela diote batzuek.
Erabat objektiboa den informaziorik ez dago. Kasurik okerrenean, gertakariak desitxuratu eta desinformatzeko lanean diharduten antolakundeak daude. Eta kasurik onenean, zer gai jorratu jabeek ezarritako mugek eta testuinguruak baldintzatuta aukeratzen duten antolakundeak daude. Palestina eta Israelen kasuan, antolakunde asko Gaza eta Zisjordaniari (batzuetan Jerusalem ekialdea barne) begira baino ez dute lan egiten, errefuxiatu palestinarren eta Israelen bizi diren palestinarren egoera albo batera utziz, loturarik ez balute bezala.
Erakunde independentea garenez, aipatutako mugek ez gaituzte hainbeste baldintzatzen. Puntuak elkarlotzen saiatzen gara, errespetatuenak diren iturrietatik informazioa lortuz, holistikoagoa den irudia sortzeko. Halere, gure narrazioak ez dira egoerari buruzko egia bakarrak. Horregatik, informazio iturri askorekin lagunduta zabaltzen ditugu infografiak, gaiaz gehiago jakin nahi duenari sakontzeko aukera emanez.
Palestinarekiko jarrera politikorik hartu al duzue talde gisa?
Talde independentea gara eta beraz ez dugu afiliazio edo jarrera politikorik. Egiten dugun lan motari begira kaltegarria eta kontraesankorra izango litzatekeela uste dugu. Hau esanda, herritarren ikuspegitik eta berdintasuna, askatasuna eta ordaina jasotzeko eskubideetan oinarrituta ulertzen dugu gatazka. Goitik beherako konponbide politikoei ez diegu arreta berezirik eskaintzen. Jorratzen ditugun gaietan eta grafikoetan hori guztia islatzen delakoan gaude.
Elikadura, osasuna edo segurtasuna izateko moduko eskubideei Israelen okupazioak nola eragiten dien kontatzen dute zuen infografiek. Zer diozue Palestinako Agintearen ardurari buruz?
Justizia sozialaren prisma unibertsaletik begira egiten dugu lan, eta hori, ongi diozun bezala, ez dagokio soilik Israelen jazarpenari. Hain zuzen ere, Palestinako Agintearen (PA) rolari buruzko lan bat prestatzen ari gara. Infografia horretan azalduko dugu PAren segurtasun aparatuak gizarte zibilaren ekimenaren aurka duen jarrera gogorra, Israelen okupazioaren aurkako erresistentzia ahultzeko xedez.
Nola ulertzen duzue sare sozialen rola justizia sozialaren bidean?
Sare sozialak tresnak baino ez dira, eta aurrerantzean beste tresna batzuek haien lekua hartuko dute. Mezu ofiziala desafiatzen duen informazioa zabaldu eta sustatzeko, baztertutako gaiak gogora ekartzeko eta ekimen eta ekintza eraldatzaileen gainean arreta jartzeko, gaur gaurkoz, ireki eta aske samarrak dira. Hala ere, gero eta herrialde gehiagotan sare sozialen "irekitasuna" baliatzen da ahots disidenteen kontrako neurri gogorrak hartzeko. Bitartean, sare sozialetako aktore garrantzitsuenek gero eta indar gehiago daukate eztabaida onargarriaren mugak zaintzeko.
Gai horrekin lotuta, Electronic Frontier Foundation taldearekin batera OnlineCensorship.org proiektuan lan egin dugu. Sare sozial ezagunenetan gertatu diren zentsura kasuen berri emateko proiektua da.
Zeintzuk izango dira zuen hurrengo urratsak?
Kolektibo gisa, gure kolaboratzaileekin batera zenbait proiektu paralelotan lanean ari gara infografia eta istorio grafikoen bidez zokoratutako gaiak nabarmentzeko. Egiptoko hedabideetako zentsura edo gazteen bazterketa mundu arabiarrean, esaterako.
Gure asmoa da proiektuak kolaboratzaileek beraiek gidatzea. Visualizing Impact taldearen orain arteko filosofia eta lan moldeari jarraiki, TEDx proiektuaren eredu deszentralizatuaren antzera, "Visualizing X" bilakatu nahiko genuke Palestinarekin egin dugun moduko proiektu gehiagoren marka.
Visualizing Palestineri dagokionez, 2015ean beste talde batzuekin elkarlana sustatu nahi dugu estrategia partekatua sortzeko eta justizia sozialaren aldeko mugimendu palestinarra bere osotasunean indartzeko. Halaber, une kritiko batera heltzen ari garela jabetu gara. Gainerako gatazka historikoetan gertatu den bezala, Palestinako aldarrikapena denen ahotan egongo da, eta guk prozesu hori sustatzeko eta azkartzeko konpromisoa daukagu.
>>> Euskaratutako infografia guztiak, Axier Lopezen 'Begizta' blogean . | news |
argia-2a2adfebdbf3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/regin-aebek-europa-espiatzeko-erabili-zuten-birus-informatikoa.html | Regin, AEBek Europa espiatzeko erabili zuten birus informatikoa | Joxerra Aizpurua | 2014-12-14 00:00:00 | Regin, AEBek Europa espiatzeko erabili zuten birus informatikoa
2013an Edward Snowdenek AEBetako NSA eta Erresuma Batuko GCHQ gobernu-agentziak Europako hainbat estatutako administrazioa espiatzen ari zirela azaldu zuen, eta denon gogoan dagoen eskandalua gertatu zen.
Baina, nola espiatzen zuten?
Joan den azaroaren 23an, Symantec enpresak esan zuen erabilitako espioitza sistema atzeman zuela. Adierazi zutenez, arestian aipatutako agentziek Regin izeneko birusa baliatu zuten, luzaroan antza denez. Europako Batzordeko komunikazioak kudeatzen dituen Belgacom enpresaren bidez sartu omen zen birusa espiatu beharreko sistema informatikoetan, eta hainbat etapatan egin zuen bere lana.
Lehenbizi LinkedIn sare profesionalaren orri faltsu bat bidali zitzaien hainbat teknikariri, eta horietako batek edo batzuek orria zabaltzean birusa ordenagailuetan ezkutatu zen, Microsoftek erabiltzen dituen fitxategi-izenak erabiliz. Ondoren ordenagailu eta zerbitzarien bihotza den kernelean instalatu zen, eta bere ibilbidean utzitako arrasto guztiak ezabatu zituen.
Birus horien bidez, giza espioiek milaka ordenagailuren kontrola lortu eta milaka dokumentu pribatu eta konfidentzialen berri izan zuten. | news |
argia-01b0145317cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/hausturatik.html | Hausturatik | Edu Zelaieta Anta | 2014-12-14 00:00:00 | Hausturatik
Hausturatik ari natzaizue. Eta hausturaz. Zenbait agintarik erdeinatu ohi duten haustura sozialaz, eta paradoxikoki, agintari batzuek elikatutako haustura sozialetik. Izan ere, ez dira gaztainak bakarrik aritu zartaka gurean udazkenean; giroa franko berotua da Gasteizko bazterretan, diru-laguntzen banaketa dela eta.
Hausturatik ari natzaizue. Eta hausturaz. Gasteiztarrek sortutako bi plataforma ditugu: Gora Gasteiz eta Ayudas más justa s. Pentsatzekoa da lehenak sinpatia handiagoa eragingo duela Argiako irakurle gehientsuenen artean. Bigarrenaren atzean Javier Maroto dugu, hausturari arnasa ematen dion hurrengo hauteskundeetarako hautagai nekaezina.
Hausturatik ari natzaizue. Eta hausturaz. Nago afera hau izango dela mahaiaren bueltan Gabonetan, Gasteizko etxe ugaritan. Gero eta gehiago gaiztotzen ari den polemika oparitu nahi izan digu alkateak aurten. Alde horretatik ere bi egoera aurreikusten hasia naiz: gaia kontzienteki saihestuko duten familiak eta Gabonetako liskar antologikoak izateko bidean jarriko direnak. Denen partez, bizikidetza on. | news |
argia-85612b21cc0f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/etxe-barrua-hozteko-balio-duen-material-berria.html | Etxe barrua hozteko balio duen material berria | Joxerra Aizpurua | 2014-12-14 00:00:00 | Etxe barrua hozteko balio duen material berria
Azken hamarkadetan izugarri hedatu da aire girotuaren erabilera, eta horren ondorioz energia kontsumoa asko handitu da.
Nature aldizkarian argitara emandako artikulu batean azaldu dutenez, AEBetako Stanford Unibertsitateko ikerlari talde batek arazoa arindu dezakeen material berria sortu du. Aluminiozko xafla bat baino meheagoa da, eta bi zeregin betetzen ditu: batetik, gela batean dagoen beroa espaziorantz bidaltzen du, erradiazio infragorri gisa; bestetik, eguzkitik datozen izpiak islatzen ditu. Era horretan, xafla kokatua dagoen teilatupeko gelan bost graduko tenperatura jaitsiera lor daiteke. | news |
argia-502227d7bcb0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/ibilaldi-birtuala-bartzelona-erromatarrean.html | Ibilaldi birtuala Bartzelona erromatarrean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-14 00:00:00 | Ibilaldi birtuala Bartzelona erromatarrean
Iulia Augusta Faventia Paterna Barcino erromatar kolonian, hau da, K.o. III. mendeko Bartzelonan birtualki ibiltzeko Bàrcino 3D aplikazioa eskuragarri dago telefono eta tabletetan erabiltzeko, katalanez, gazteleraz zein ingelesez. Bartzelonako Udaleko Arkeologia Zerbitzuak 2012an abiarazi zuen Bàrcino Plana, hiri erromatarrari buruzko ikerketa, indusketa, dokumentazio eta hedapen lanak egiteko, eta ekimen horren barruan garatu dute aplikazioa.
Ezkerreko irudian, esaterako, hiriko gune nagusietakoa ikus daiteke, Augustoren tenplua, Barcinoko foroaren erdialdean. | news |
argia-96c293b5657e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/feminismoa-eta-gizonen-egitekoa.html | Feminismoa eta gizonen egitekoa | June Fern�ndez | 2014-12-14 00:00:00 | Feminismoa eta gizonen egitekoa
Azaroan Bilbon Maskulinitatea eta giza garapenerako Ipar-Hego arteko topaketa egin zen Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Latinoamerikako kideen partaidetzarekin. Zentzu handia dauka maskulinotasun ereduak giza garapenarekin duen lotura agerian uzteak. Indarkeria matxistari buruz aritzean, arreta emakumeengan jartzen da: nola atera daitezkeen egoera horretatik, zer amodio eredu irentsi duten tratu txarrak onartzeko, eta abar.
Hitzaldietan partaide eta entzule gehienak emakumeak izan ohi dira, genero indarkeria emakumeon arazoa balitz bezala. Berdintasunaren aldeko gizonek, ordea, indarkeria matxistaren kontrako borrokan arreta gizonen erantzukizunean jartzen dute eta eurekin ere prebentzio lana egitea proposatzen dute, eguneroko jarrera mikromatxistak identifikatuz eta gatazketan biolentzia erabiltzearen joera soziala errefusatuz.
Are gehiago, beste arazo sozialen inguruko genero irakurketak egiten dituzte, esaterako, trafiko istripuak, drogen kontsumoa edota kriminalitatea maskulinotasun tradizionalaren gizarteratzearekin lotzen. Botere grina, arriskuak hartuz adorea etengabe adierazteko beharra edota sexualitate eredu berekoi eta aseezinaren sustapena kritikatzen dituzte, zaintza, elkartasun eta sentiberatasun jarrerak aldarrikatuz.
Zirrara ikaragarria egin zidan berdintasunaren alde lan egiten zuten gizonen lana ezagutzeak. Baina, laster ulertu nituen gizon berdin zaleen eta feministen arteko harremanetan nabarmen diren mesfidantza eta tirabiren zergatiak. Feminismoa jabekuntza eta askatasun bide bat da emakumeontzat, eta giro horretan gertatzen diren gizon berdin zaleen jarrera matxistak bereziki mingarriak dira, horiek identifikatzea zailagoa delako eta gure "etxean" ere eraso sexistak bizitzeko arriskuan gaudela suposatzen duelako.
Miguel Angel Arconadak, berdintasunean aditu den hezitzaileak, hitzaldi batean onartu zuen maskulinotasun berrien defendatzaile askok maskulinotasuna tradizionalaren kostuak ezabatzen dituztela, –esaterako, emozioak adierazteko edota sexualitate eredua zabaltzeko aukerak–, baina gizon izateagatik dituzten pribilegioak mantenduz: lidergoa, estatusa, boterea...
Jokin Azpiazu soziologoak ere Pikara aldizkarian kritikatu zuen maskulinotasun berrien diskurtsoaren enfasia identitatean kokatzen dela (zer esan nahi duen "gizon" izateak gizonarentzat) euren botere eta hegemonia onartu eta arbuiatu baino. Mugimendu honen begirada heterosexista dela ere uste du, erreferentzia subjektu bezala bikotean bizi den gizon heterosexuala izan ohi delako.
"Berdintasunarekin gizonok ere irabazten dugu", esan ohi dute talde hauek gizonezkoak erakartzeko. Baina, egia esan, gizonek boterea galdu behar dute sexismoak eragindako desorekarekin bukatzeko, esaterako enpresa, sindikatu edo elkarte politiko baten zuzendaritzan emakumeak gehitzeko. Bestalde, zaintza ardura partekatzea ez da bakarrik haurrekin jolastea, baizik eta baita komuna garbitzea eta adineko senideen beharrei erantzutea ere. Gizonek onartu behar dute matxismoaren kontrako konpromisoa bidegabekeria historiko baten kontrako uste sendotik abiatu behar dela, euren botereari uko egiteko abantaila berrien, sarien eta txaloen zain egon gabe.
Nire asmoa gizon berdin zaleen ekarpenak eta konpromisoa aintzatestea da, baina euren pribilegioen islen aurrean tinko mantenduz eta, euren gizarteratze matxista deseraikitzen duten bitartean, emakumezkoen guneen beharrak defendatuz. | news |
argia-a31b7123584d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2441/hiesa-afrikan-medikuen-injekzioek-ere-zabaldu-zuten.html | HIESa Afrikan medikuen injekzioek ere zabaldu zuten | Pello Zubiria Kamino | 2014-12-14 00:00:00 | HIESa Afrikan medikuen injekzioek ere zabaldu zuten
Gizakion HIESa tximuen birus baten aldaerak eragin duela frogatua da eta berritan demostratu 1959an hasi zela mundura hedatzen Kinshasatik, 1890-1950 artean oihanetik hirira iritsita. Baina nola egin du jauzia? Aipatu dira hiritartzea, prostituzioa, sexu harremanen aldatzea. Gutxi aipatu da mediku kolonialek eduki duten erantzukizuna.
Mediku zuriak Afrikan beltzei txertoak jartzen, Europako bizimodu erosoa abandonaturik urruneko malerusei miseriatik ateratzen laguntzera joandako heroiak... Kolonialismoaren fama txarra gainditu duten pertsonai bakarretakoak izango ziren. Aldiz, haien artean Afrikan medikuntzan aritutako Jacques Pépin quebectarrak "The origins of the SIDA" liburuan aitortu du ziurrenik berak ere lagundu ziola izurri beldurgarriari indar hartzen. Infernurako bidea asmo onez harriztatua omen dago.
La vie des idées aldizkari elektronikoan Guillaume Lachenal antropologoak aurkeztu ditu Pépinen ideiak HIESaren jatorria azaltzen saiatu diren beste hipotesi famatuenen artean. 1999an The River (Ibaia) argitaratu zuen Ed Hooper kazetari ingelesak proposatuz izurria eragin zutela mediku belgikarrek orduan berena zuten Kongon poliomielitisarentzako txerto berriak probatuz, 1950eko hamarkadan.
Geroztik egindako ikerketek baztertu duten arren polioaren hipotesia, Hooperren liburuak bazuen meritu bat: luze eta zabal erakutsi zuela Afrikako kolonietako jendeak laborategiko akuritzat erabili zituela Mendebaldeko medikuntzak.
Lachenalek dio hari horri tiraka Jacques Pépinek idatzi duela orain arteko libururik baliosena. "Egileak, Quebeceko mediku bat eritasun kutsakorretan berezitua, liburuan eskaini du GIBaren (VIH) eboluzioaren historiaren sintesia eta ikerketa historiko originala, ondorioztatzeko HIESa Afrikako erdialdean abiarazterakoan erabakigarriak izan zirela medikuen injekzio esterilizatu gabeak; hau da, HIESaren jatorria hein batean iatrogenesiak –medikuek eragindako kalteak)–eragin duela".
Gaur frogatutzat ematen da Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) XX. mende hasieran azaldu zela Afrikako erdialdean. 1959an borborka ari da birusa Kinshasa hiri nahasiaren erraietan. Baina nola egin du jauzi tximutik gizakira? Nola bilakatu epidemia hain denbora laburrean? Nola azaldu Kamerungo hego-ekialdeko oihanetik Kinshasara eta mundu osoraino hedatuz egin duen bidea?
Tximu handietatik jendeengana pasatu zen hauek haiek ehizatuta jatean, hori demostratuta dago. "Oihaneko haragia" jatea, Mendebalde aberatseko jendeon ikuskerari ondo dagokio esplikazio hori; iradokitzen du afrikarren halako bekatu bat naturaren legeen kontra, gero zabalduko dena hiritartzeak eta deskolonizazioaren desmasiek bultzata, tartean antzinako sexu jokaeren aldatzeak.
Baina, galdetzen du Pépinek, basoan tximuen haragia betidanik jan baldin badute eta haragi horren kontsumoa izugarri handitu bada 1990eko hamarkadatik oihan tropikalen krisia dela eta... orduan zergatik azaldu da GIB XX. mendean eta ez lehenago, eta ez geroago?
Milioika txertatze kolonietan
Ikertzaile askok galderaren arrapostua topatu dute gaur Kinshasa den Leopoldvillen. Inguruan parerik gabeko hiritzarra XX. mende hasieran, sexu harremanez transmititzen den birus batentzako aproposa zen: etorkinez eraikia, sexu ratio beldurgarria (gizon asko, emakume gutxi), prostituzio handia eta zentralizatua...
Hipotesiak badauka funtsa, baina alde ahulak ere bai. Zergatik zabaldu da HIESa askoz gehiago eta azkarrago beste eritasun kutsakorrak baino? Adituek egin dituzte simulazioak eta datu guztiak kontutan harturik, tartean harreman heterosexualek berez –beste faktoreen laguntzarik gabe, hala nola genitaletako zauriak edo beste infekzioak eta abar– daukaten arrisku maila, nekez ulertzen da izurriaren hedatze beldurgarria.
Jacques Pépinek bestelako hipotesi bat proposatu du: medikuen injekzioen garrantzia. Hau bera ari dira defenditzen 2000. urtetik beste aditu asko, tartean, Preston Marx primatologoa, Ernest Drucker epidemiologoa, David Gisselquist aditua eta Frantzian Jacques Leibowitch HIESaren militante ezaguna.
XX. mendearen lehen erdian Afrikan aldaketa handiak ikusi dira demografian eta sexualitatean, baina baita medikuntzan ere. 1910etik aurrera Kamerundik hasi eta Aintzira Handietaraino potentzia kolonialek sekulako programak antolatu zituzten gaixotasun tropikalen kontra, bereziki loaren gaixotasunaren ( tse-tse euliek kutsatzen duten famatu haren) eta Pian gaixotasunaren kontra.
Prebentzio kanpaina handiak antolatu zituzten estatu kolonialek –funtsean eskualde horretan Belgikak eta Frantziak–, injekziotan oinarrituak. " Médecine de masse " deitzen dio Guillaume Lachenalek. Agintari kolonialen lehentasunetako bat zen belgikarren Kongon, Kamerunen eta Frantziaren Ekuatore Afrikan. Bigarren Mundu Gerraren ostean jo zuten gailurra herritarren txertatze kanpainok. "Milioika eta milioika afrikar erabili zituzten katean jarrita odol ateratze eta injekzio ugaritan, batzuekin erabilitako xiringak eta orratzak ondorengoekin erabiliz".
GIB izurriaren hasiera honela irudikatzen du Pépinek: ekipo mediku bat iristen da Kamerungo hego-ekialdeko herri isolatu batera, non aditu guztiek aipatzen duten ehiztari famatuak –txinpantze gaixotu batek immunoeskasiaren birusa pasatu diona– bereaz kutsatu dituen herriko beste batzuk erizainek eta medikuek erabilitako xiringa eta orratzen bidez. Gogoratu behar da GIBa kutsatzeko esterilizatu gabeko injekzioak askoz hobeak direla sexu harremanak baino.
Sortu delarik kutsatutako jende multzo aski handia, horietako bat edo batzuk joango ziren Leopoldvillera. Hiri handiak GIBak gehiago ugaritzeko pagotxa aurkitu zuen. Asko aipatu baita prostituzioa, Pépinek nabarmendu du hain zuen prostitutak bereziki tratatzen zituztela txertaketa kanpainetan medikuek, bide batez beren buruak ere arriskuan jarriz, desinfektatu gabeko materialen erabilera okerragatik.
Teoria honentzako frogatzat erakusten du Pépinek berak oso ondo ezagutzen duen C Hepatitisaren Birusarekin (CHB) gertatua. Hau oso gutxi kutsatzen da sexu bidez eta, droga zainetatik hartzen dutenak kenduta, iatrogenesia izan da kutsatze bide nagusia: medikuntzak berak eragindako kaltea. Egipton beste eritasun baten kontrako txertaketa kanpainetan kutsatu ziren milaka jende CHBz.
Laburbilduz, badirudi hein batean kolonien garaiko masa medikuntzak bere ahaleginean nahi gabe eragin duela GIB izurrite bilakatzea. Guillaume Lachenalek bere artikuluan dioenez, "akrobaziatan jardun beharra dago HIESaren irakurketa soilik sexuala egiten jarraitzeko, medikuntza kolonialaren eraginak kontutan hartu gabe". | news |
argia-bd877e4a8ddf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/2015-urteak-zer-ekarriko-digun.html | 2015. urteak zer ekarriko digun | Joxerra Aizpurua | 2015-01-18 00:00:00 | 2015. urteak zer ekarriko digun
Hasi berri den urtea oparoa izango da zientziarekin eta teknologiarekin zerikusia duten albisteei dagokienez. Hona hemen adi jarraituko ditugun zenbait gai:
Martxoan Fukushimako istripuaren urteurrena gogoratuko dugu; halaber, zentral nuklearraren inguruko berri interesgarrienak ekarriko ditugu orrialde honetara.
Espazioari ere arreta eskainiko diogu. Aurten batez ere Plutoni begira jarriko gara, NASAren New Horizons zunda haren ingurura iritsiko baita. Gutxi gorabehera aldizkari hau zure eskuetara heltzeaz batera hasiko da New Horizons planeta nanoaren irudiak hartzen.
Naturak eta medikuntzak etengabeko informazio iturria izaten jarraituko dute. Klima aldaketaren ondorioen berri izango dugu, batetik; bestetik, ama zelulen inguruko ikerketak berri onak emango dituelakoan nago.
Euskal Herrian, berriz, bi gai nagusi izango dira: EAEko ikerketaren eta berrikuntzaren dekretu berria –2020rako helburuak ezarriko dituena–, eta hondakinen kudeaketaren alorrean izango diren albisteak. | news |
argia-0aeee9d9883f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/1939ko-erantzukizun-politikoen-legea.html | Errepresioaren laugarren hanka | Josu Chueca | 2015-01-18 00:00:00 | Errepresioaren laugarren hanka
1936ko altxamenduarekin lerrokatu ez ziren herritarrek gerraostean jasandako jazarpena izugarria izan zela jakina da, baina errepresio horri tamaina hartzeko beste iturri bat zabaldu berri zaigu. Orain arte eskuraezin egon diren Erantzukizun Politikoen Epaitegietako espedienteek erakusten dute frankistek ekonomikoki zanpatu zituztela lehendik ere erbestera, kartzelara edo heriotzara zigortutakoak.
Oso ezagunak zaizkigu 1936ko Gerraren ondorioz errepresioak hartu zituen hainbat adierazpide: heriotza zigorrak, kartzelaldiak, erbesteratzeak… Aitzitik, beste zenbait errepresio mota ez hainbeste, nahiz eta jendartean eragin oso handia izan, esate baterako gerraren hasieratik bertatik egin ziren konfiskazioak eta isun ekonomikoak.
Oroimen historikoaren inguruko ikerlanei erreparatuz, hedabideek lehen atal errepresibo haietan jarri dute arretarik handiena, baina duela gutxi arte eskuraezinak ziren eta ezkutaturik zeuden paper sortak eta dokumentazioa bistan geratu dira orain, eta ortzemuga historiko berriak ireki zaizkigu. Izan ere, errepresioaren izeberg handiaren beste atal iluna argitzen ari da Erantzukizun Politikoen Epaitegiak metatutako dokumentazio oparoan arakatzen dugun heinean.
Errepresio sail hau gerrarekin batera abiatu zen, erakundeen eta herritarren ondasunen aurka, baina gerra bukatzear zegoela jo zuen goia, 1939ko Erantzukizun Politikoen Legearekin. Legearen hedadura, gogorkeria eta herritarren artean izan zuen eragina izugarriak izan ziren eta hastapenetako frankismoaren osagai errepresibo nabarmenetako bat bilakatu zen.
Jabetzak harrapakin bihurtzen direnean
1936ko uztailaren 18ko altxaldiarekin, lehen unetik talde falangistek eta karlistek lapurretak egiteari ekin zioten inolako zailtasunik eta euskarri juridikorik gabe. Zigorgabetasun osoz eraso zituzten alderdi errepublikanoen, ezkertiarren eta nazionalisten egoitzak, eta halaxe berenganatu zituzten biltokiak, komunikabideen inprimategiak eta baita ondasun pribatuak ere. Jokaera horri bultzada handia eman zion matxinada militarrarekin bat egin ez zuten alderdi eta erakundeen legez kanporatze bitxiak. Ez baita ahaztu behar garaileak suertatu ziren arren, frankistak izan zirela legalitate errepublikarraren aurka oldartu zirenak.
Testuinguru horretan kaleratu zuten, Donostia hartu zuten egun berean, 1936ko irailaren 13an alegia, 198 zenbakidun dekretua, alderdi errepublikar, ezkertiar eta abertzaleak legez kanpo laga zituena. Horren ondorioz, haien jabetzak militarren, karlisten eta falangisten harrapakin bihurtu ziren.
Frankistek gerran egin zituzten aurrerapen militarren ondorioz, harrapaketak gero eta garrantzitsuagoak bilakatu ziren, eta azkenik 1937ko urtarrilaren 10ean beste dekretu bat kaleratu zuten, horiek era antolatuan eta kontrolpean egiteko asmoz. Hala, "Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Nazionala" eta honen menpeko eskualdeetako adarrak sorrarazi zituzten matxino frankistek, eskuratuta zituzten lurraldeetan nahi bezala aritzeko. Euskal Herrian ere –Bizkaiko kasuan 1937ko uztailaz geroztik– erakunde hori arduratu zen errepresio ekonomikoa aurrera eramateaz.
Lege berezia, epaitegi bereziak
Baina ekimenik latzena 1938az geroztik hasi ziren diseinatzen –gerra kasik amaitzear zutelakoan– Tomás Domínguez Arevalo "Rodeznoko Kondeak" gidatzen zuen justizia sailetik eta militarren batzorde batetik: 1939ko otsailaren 9an onartutako Erantzukizun Politikoen Legea hain zuzen ere. Hari esker, gerra amaitzeko hilabete pare baten faltan, indarrean jarri zuten Erantzukizun Politikoen Epaitegi Nazionala, baita eskualdeetako beste 17 auzitegi ere, hiriburu guztietan baitzeuden tokian tokiko epaitegiek hornitutako txostenak, eta horietan oinarritu ziren errepresioa zabaltzeko.
Auzitegi berri horiek osaera berezia zuten eta ohiko epaitegietatik bereizten ziren. Epaimahaiburua militarra zen eta harekin batera beste epaile batek eta Falange Tradizionalistaren ordezkari batek –batzuetan legegilea zen, baina beste askotan hori ere ez– osatzen zuten tribunala. Jazarpena aurrera eramateko oinarri hartu zuten legea ere berezia zen erabat. Alde batetik, errepresioa jardun politikoen aurka bideratuta zegoelako. Legearen izenak berak eta artikuluen edukiak argi eta garbi adierazten zuten ekimen politikoen arduradun eta partaideak zanpatzea zutela helburu. Ez zen gerra garaiko jardun militarra soilik epaitzen, gerra aurreko lan eta ideologia politikoa ere bai, bere ere atzeraeraginezko izaerak 1934ko urrira arte eramaten zuelako zigorraldia. Erabat zilegi ziren ekimen, aktibitate eta erakundeak lege horren menpe gelditu ziren. Beraz, lege horrekin zigortu nahi zituzten ez bakarrik gerra garaian izan zitezkeen jardun politikoak, baita II. Errepublikako urteetako militantzia ere.
Gerra auzitegi batek zigortzea arrazoi nahikoa zen Erantzukizun Politikoen Epaitegiak beste prozesu bat abiarazteko. Hala, aurretik ezarritako zigorrari –askotan kartzelaldia edo heriotza zekarrena– zigor ekonomikoa gehitzen zioten.
Horrez gain, beste 16 arrazoi gehiago zeuden edozein pertsona inputatzeko eta haren kontrako espedientea abiarazteko, esaterako: Fronte Popularreko edo legalitate frankistatik kanpo utzitako alderdi edo erakunde baten partaide izatea; legalitate errepublikarrari eustea eta ondorioz, frankisten arabera, "Mugimendu Nazional Loriatsuari" aurre egitea. Era berean, nahikoa zen erbestera joatea, denbora laburrez bazen ere, errudun zantzuak izateko eta jazarria izateko.
4.000 sententzia Euskal Herrian
Estatu osoan zabaldu zituzten 17 epaitegietatik 4 Euskal Herrian zeuden. Bat Bilbon –hiru azpi auzitegi zituen– eta bana Gasteizen, Iruñean eta Donostian, nahiz eta azken bien egoitza Iruñean kokaturik egon. Euskal lurraldeetako auzitegi horiek guztiek 1941 arte 10.101 epaiketari eman zieten hasiera, eta horietatik 4.066 bukatutzat jo zituzten. Estatuko beste zenbait tokitan gertatu zen legez, epaitegiek berek martxan jarritako mekanismo errepresiboak gainditu egin zituen; 1942an legea erreformatu behar izan zuten eramanezina bihurtu zitzaielako.
Hala ere, epe horretan egindako lana eta zabaldutako errepresioa eta izua ez zen makala izan. Iruñean aritu zen auzitegiko epaimahaia honakoek osatu zuten: Eladio Carnicero militarrak, Leocadio Tamara epaileak eta Joaquin Ochoa de Olza falange tradizionalistaren ordezkariak. 1940ko abuztuaren 4tik 1941eko urriaren 21a arte soilik –14 hilabete eskasean– 1.249 epaiketa egin zituzten. Gipuzkoatik eta Nafarroatik helarazten zizkieten txostenetan oinarritu ziren epaitzeko. Informazio hori tokian tokiko guardia zibilek idazten zuten gehienetan, baina Falangearen komisaldegietako iturriek eta informazio zerbitzuek, herrietako alkateek eta apezek ere hartu zuten parte informazio trukaketan. Azken horiek, kristau moralitate kontuez gain, batzuetan politikagintzaz ere aritzen ziren. Batzuek zein besteek emandako datuekin, zenbait kasutan txosten mardulak osatu zituzten, informazio politikoaz aparte, akusatuen egoera ekonomikoaren berri ere zehatz-mehatz emateko.
Hil eta gero…
frankistek poltsikoa bero
Epaitu eta zigortu zituztenen artean oinarrizko militante asko zeuden, baita buruzagi politiko ezagunak ere. Horietako batzuk aldez aurretik erail zituzten, eta hargatik senideak zigor ekonomikotik libratu zituzten. Baina beste askotan, indarrez "desagertu" arazi zituzten, eta ondorioz, errepresio ekonomikoa zekarren prozesuak aurrera jarraitzen zuen. Senitartekoak izan ziren konfiskazioen kalteak eta isunak jasan zituztenak, kartzelan, erbestean edo hilobietan zeuden gertukoen erantzukizuna beregain hartuta. Esaterako, Tafallako kartzelatik atera eta fusilatuak izan ziren hainbat berbintzandar eta tafallar ezkertiarren kasuan, zinismo handiz "leku ezezagunean" zeudela esan zuen tribunalak, eta familiartekoek, heriotzaren minaz gain, zigor ekonomikoa jaso zuten.
Beste kasu batzuetan, epaitegi militar batek heriotzara kondenatua izateak ez zuen oztopatu familia berriz zigortzea, eta ondasun gehienak, etxea barne, bahitzea. Juan Arrastia buruzagi politiko sozialista dugu horren lekuko. Torrelavegan epaitu eta hil ostean, bere ondasun guztiak konfiskatu zituzten jarritako isunari aurre egiteko. Bere alargun Veremunda Olasagarrek, 1940an erbestetik itzulitakoan epeka ordaindu behar izan zuen senarra zenari ezarritako isuna. Antzekoa gertatu zitzaion Florencio Iracheta Irungo zinegotzi sozialistari. Heriotza zigorra izan zuen, baina epaimahaiak ez zuen erreparorik izan ondoren 75.000 pezetako isuna ezartzeko.
Erbestera joateak militante eta buruzagi politikoen errua larriagotu egiten zuen frankisten ikuspegitik. Horren ondorioz, Jose Antonio Agirre edo Manuel Irujo bezalako buruzagi jelkideei 20na milioi pezetako isun ezarri zieten, eta ezkerreko beste buruzagi batzuek ere, hala nola Constantino Salinas sozialista altsasuarrak edo Fernando Sasiain Donostiako alkateak "ondasunen erabateko galera" jaso zuten.
Isun ekonomikoarekin batera, hainbat kasutan, deserriratze zigorrak zetozen. Aipatu Sasiaini 15 urtekoa ezarri zioten, eta jakina denez, Frantzian egon eta gero Espainian (Palentzia) bizi behar izan zuen hil arte, Donostiatik urrun.
Zigor ekonomikoaz gain, oso ohikoa zen lan gaitasun-gabetzea izatea. Irakaskuntzan eta funtzio publikoan aritu zirenak izan ziren kaltetuenak baina zenbait arlo pribatutan zebiltzanak ere (abokatuak, arkitektoak…) jazarpen latza izan zuten.
Genero ikuspegitik, larria izan zen alargun askoren egoera. "Presoaren emaztearen" rola ikertu eta landu den bezala, alargunarena ere talaia horretatik jorratu beharra dago. Izan ere, hasieran aipatu dugun legez, hilik zeuden senarren edo gertukoen aurkako isunei eta konfiskazioei aurre egin behar izan zieten alargun geratu ostean ere. Batzuetan "autofede" edo damutze adierazpenak egin behar izan zituzten etxeko ondasunak ez galtzeko edo berreskuratzeko. Eta noski, asko ziren beraien jardun politikoagatik zuzenean zigortutakoak. Ekintzaile ezkertiarrez gain, Euskal Herrian Emakume Abertzale Batzako partaideak –batez ere euskal eskoletan eta ekimen kulturaletan ibilitakoak– bereziki errepresaliatuak izan ziren lege horren bidez.
Ikerketak hasi besterik ez dira egin, eta oraingoz zaila da jakitea lege horrek estatu frankistari zenbateko dirutza eman zion. Era berean, konfiskazioen ibilbide bihurriaren ondorioz ezin atzeman liteke zenbat eraman ziren muturreraino eta zenbatek berreskuratu ahal izan zituzten ondasunak 1960ko hamarraldian lege hori indargabetu zenean. Baina ikerketak aurrera doazen heinean, argi eta garbi esan daiteke Erantzukizun Politikoen Legea, izua eta egonezina zabaltzeaz gain, tresna ikaragarria izan zela galtzaileei "heriotza zibila" ekartzeko. Erbestearekin, heriotza zigorrekin, eta espetxealdiekin batera, errepresio frankistaren laugarren hanka izan zen. | news |
argia-34ae0c515e62 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/handitan-izan-nahi-dudana.html | Handitan izan nahi dudana | Xabier Letona | 2015-01-18 00:00:00 | Handitan izan nahi dudana
CHARLIE HEBDO , ez naiz eta banaiz. Nik ere antzerako burutazioak izan ditut Parisko 12 hilketen ondorengo uneetan, Pello Zubiria Argiako kazetariak bere blogean azaltzen zuen bezala. Ez naiz eta banaiz. Igandeko Parisko manifestazioan herritarren artean egongo nintzateke hildako kazetariekiko elkartasunez eta sarraskia salatzeko; eta ez nintzateke izango, munduko buruzagiek emandako doinuan zibilizazioen arteko talka azpimarratu delako, Mendebaldearen lehentasuna eta nagusikeria lehen lerrora eramanez.
Charlie naiz, kazetari moduan, adierazpen askatasuna lanbide eta bizitzaren ardatz delako lumaz edo arkatzez aritzen garenontzat. Ez naiz, mendebaldeko agintariek Charlie Hebdo eta adierazpen askatasuna beren zibilizazio nagusikeriaren sinbolo bihurtu nahi dutelako.
Charlie naiz, miresgarria eta eredugarria delako kazetari eta marrazkilari talde batek noraino egin dezakeen beren ideiekin bat bizitzeko, libre guztiz halakorik ezin den munduan, Askatasunari etengabe ateak irekiz. Ez naiz, haien probokazio eta ikusmolde guztiekin bat ez natorrelako. Ez nintzateke gai izango aldizkariko azalean Mahoma profeta kaka bat dela esateko, ados ez nagoelako eta, gainera, temeritatea delako.
Charlie Hebdo izan nahi nuke, baina ezin dut, mundu arriskutsu honetan zuhurtzia biziraupenerako balioa ere badelako, eta giza eskubide eta giza baloreen irakurketa globalizaturik ez dagoelako. Oraindik ezin dut, baina handitan bai, handitan Charlie izan nahi nuke.
"HAU EZ DA Frantziako hiriburuan gertatutako krisi terrorista isolatu eta dramatiko bakan bat. Ekialde Hurbila Europan instalatzen ari da. Hurakana Sirian da, Iraken eta baita gure artean ere. Munduko arazoen integrazio nahasketa da eta Mendebaldea dagoeneko ez da konpartimendu itxi bat berak munduan sortutako porrot eta hondamendien ondorio lazgarrien aurrean". Rafael Poch Parisko La Vanguardia ko korrespontsalak horrela zabaltzen zuen iragan igandeko bere kronika. Alegia Yihadismoak bere jarduna globalizatu duela eta orain Bagdad, Alepo eta Damasko, Paris, Londres edo Madril izan daitezkeela.
Adierazpen askatasunaren defentsa egin behar dela bistan da eta Charlie Hebdo ren aurkako sarraskiaren aurkako salaketa ere bai, baina atentatu horiek bere testuinguruan jarri barik, nekez egin daiteke egoeraren azterketa egokirik. Hiltzaileek hitzez ere argi azaldu dute hori segurtasun indarren tiropean hil aurretik.
Gerra Hotzaren amaieran ospetsu egin zen Francis Fukuyamaren esaldia: "Historia amaitu da". Mendebaldeak erabateko garaipentzat hartu zituen Berlingo Harresiaren eta Sobiet Batasunaren desagerpena. Zibilizazioak komunismoa garaitu zuen. Ongiak gaizkia. Eta 2001eko Dorre Bikien atentatuen ondoren, Amerikako Estatu Batuek logika berberari ekin zioten: norberaren ikusmoldeari eusteko, zibilizazioak behar zuen bere gaiztoa birsortzea. Berriz ere irabazteko, beren herritarren gobernu zapaltzaile eta ustelak nahieran erabiliz, bere hegemonia helburuak hamaikagarrenez gauzatzeko.
Gerra berri horretan gaude eta, itxura guztien arabera, zipriztinak gero eta sarriago jasango dira Mendebaldean, gurean. Baina Parisen iragan igandean ikusi zenez, etsaiari aurre egiteko prest da Mendebaldea. Segurtasuna eskubideen gainetik, irailaren 11ren ondorengo bigarren kapitulua abian da, bidez batez Europa barruan sor daitezkeen edozelako alternatibak hobeto kontrolatzeko.
Askoz ertz gehiago ere baditu Charlie Hebdo ren aurkakoak, zorrotzak eta korapilatsuak, hegotik datozkigun herritarrei gure gobernuek oztopo gisa jartzen dizkieten txarrantxa biribilen gisakoak, baina Mendebaldeko nagusikeria da, ostera ere, lurrikara berri honen epizentroan.
ADIERAZPEN ASKATASUNA askatasunaren akuilu eta lurralde librea da aldi berean, bizi leku goxo, mingots eta kontraesankorra. Kartzelan dira oraindik Egin -eko arduradunak, ETAko izateaz zigortuta, haien arma bakarra luma zenean. Charlie ei direnek espetxeratu zituzten. Paristik bueltan dira. ETAk Javier Lopez de Lacalle kazetaria hil zuenean, edo Gorka Landaburu zauritu, ezker abertzaleko esparru batek ez zuen Charlie aipatu, gatazka baizik. Bizigune ez dena ezin ipar bilakatu. | news |
argia-49c1159cfb47 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/zirrikituetan.html | Zirrikituetan | Ane Labaka Mayoz | 2015-01-18 00:00:00 | Zirrikituetan
Doinua: Nere mundu intimoa
Nork egin du historia?
Nor dago liburuetan?
Nor esparru publikoan:
tabernan edo plazetan?
Nor kantari sukaldean,
josten, artazuriketan,
sehaskaren inguruan
edota konbentuetan?
Bertsolaritzaz idatzi
izan dute hainbatetan;
batzuk fokopean daude
beste batzuk ilunpetan…
Lau begi eta bihotz bat
jarri ditut testuetan,
ea altxorrik topatzen
dudan zirrikituetan.
Bertsoaren jatorria
hasi ezkero biluzten
aitzindarien kontuak
ez du zalantzarik uzten:
Eresigileak kantuz
hildako gorpuei eusten
ta profazadorak kopla
satirikoak gorpuzten,
"desvergonzada" horien
mihia zail zen kamusAten…
Nahiz nik izkina batetik
pozik entzungo nituzkeen,
Bizkaiko Foru Zaharrak
argiki du erakusten;
emakume zirelako
isilarazi zituzten.
Isiltzea xede duen
gizarte patriarkalak
hautatu ohi du nor diren
baztertuak, marjinalak…
Egitura horri sortu
nahi dizkiot arrakalak
gogoan hartuz Bizenta
Mogel zenaren ahalak.
Umezurtz bihurtu zuen
guraso hilen magalak,
nahiz alegiekin bete
orri txurien azalak,
irudimenari bertsoz
jarriagatik hegalak…
aldiro irentsi ohi du
bere osabaren itzalak.
Beste emakume batek
sorrarazten dit lilura,
"Hondarribiko Joxepa"
omen zuenak deitura.
Bere berri izatea
izanagatik jomuga
Bilintxek esandakora
mugatzen da ahanztura,
baina bera ahazteak
ez ote dio ardura?
Nahiz dirudien sarritan
irteten zela kantura,
beste guztien antzera
ikusezin bihurtu da
inon parerik ez zuen
"dama bertsolari" hura.
"Xenpelar" esanez gero
-ez baldin bada mirariz-
gizonezko ospetsu bat
agertzen da letra handiz
arrebaz eta ilobaz
oso gutxi egin da hitz
nahiz azken honek sorta bat
josi hain erantzun argiz.
Enrike Elizegi ez
zen nahastu aldizkariz
neskazaharren topikoak
Ibaizabal-en idatziz
bertsio osagabe bat
genuke ehungarren aldiz
Joxepa aurka egiten
ausartu izan ez balitz.
Joxepatik Joxepara
luzatu nahi nuke soka
Hernaniko Zubeldia
daukadanez begiz jota
"Baztangaren bertsoekin"
sendotu zuen borroka
Lasarteko izurridun
gaixoen gurdien kontra.
Gizonak negozioan,
burokrazian itota,
ta emakumeak irmo
bide erdian orroka…
Tilosetan ospatzeko
bertsoz egin zuen topa
herri bazkari batean
mahai gainera igota.
Asteasun "Pello Errota"-k
honi ta hari jarriak,
arreba Sabinarenak
ez ziren txalogarriak,
bi alabek ere ezin
ase bertso egarriak;
hotsa atera ohi zuen
Mikaelaren "zintzarri"-ak.
Entzun nahi ez dutenean
gortzen dira belarriak,
arto aleak xehetuz
hain kriki-kraka sarriak…
ez dugu inoiz jakingo
urratu arren eztarriak
zenbat ahots estaliko
zituen errotarriak.
Zizurkil ere izan zen
bertsolarien arkupe
ta Pedro Mari Otañok
badu nahikoa entzute
onbuari jarritako
bertso ezagunen truke,
"Amerikako panpetan"
igaroz hainbeste urte.
Batzuengan hutsa dena
besteengan da bertute;
bere lehengusina ere
gogoan behar genuke,
ez Amerikako onbu,
ez atariko intxaurpe…
Plazidak zerri kantatzen
zion jakin nahiko nuke.
Ezinbestean aipatu
behar Iñaxi Etxabe,
oikiarrak "Basarri"-ri
ez zion erantzun bare.
Emakumeari buruz
horrenbeste aipu grabe.
Betidanik izan dira
transmisioaren zutabe
hark euskararen galera
egotzi zien halare…
"Basarri"-k bertso munduan
zenbat tronu ta aldare
egoki erantzuteko
gaitasun onenen jabe…
ta inork ez daki zeinek
utzi zuen hitzik gabe.
Historia aldatzen da
zirrikituz zirrikitu;
bilatzen jardun ezean
ezin da inor aurkitu.
Mardarasek eta Loidik
nahiz izan nahiko meritu
aurrekoen ahaleginak
nahi nituen deskribitu,
jakinmina ase asmoz
arakatu, deskubritu…
Bertso sorta luze honek
-nahiz ez guztiak kabitu-
ikusezinak zirenak
ikusarazi nahi ditu;
inork ez dezala esan
ez zirenik existitu. | news |
argia-93a92b8a6d64 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/elektrizitatea-sendagai-antzinaroan.html | Elektrizitatea sendagai Antzinaroan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-01-18 00:00:00 | Elektrizitatea sendagai Antzinaroan
Grezia, K.a. VI. mendea. Miletoko Talesek ikusi zuen substantzia erretxinatsu horixka batek, zapi batez edo animalia larruz igurtzita, objektu arinak erakartzeko propietate bitxia lortzen zuela. Substantzia hura anbara zen, grekoz elektron . Antzinako greziarrek ez zeukaten fenomenoaren azalpenik, baina horrek ez du esan nahi hari probetxurik ateratzeko gai ez zirenik; badirudi zenbait tokitan anbara erabiltzen zutela arropan itsatsita geratzen ziren hosto eta belar lehorrak kentzeko.
Zenbait arrain espeziek harrapakinak durduzatzeko eta, hala, erraz ehizatzeko eragiten dituzten deskarga elektrikoak azaltzen ere ez zekiten, baina etekina atera zieten berdin; nagusiki, buruko mina arintzeko erabili zuten zenbait arrainen ezaugarri ebolutibo bikain hura. Egiptoarrek Niloko arrain katua edo silurua erabiltzen zuten migrainen tratamendurako. Greziarrek eta erromatarrek, aldiz, arraiaren eta ikaraioaren deskargak baliatu zituzten, eta askotan haztegietan gordetzen zituzten, erremedioa eskura izateko. Plinio Zaharrak (K.o. 23-79) idatzi zuenez, "arrain elektrikoak sendagarri gisa erabiltzen dira, buruko mina eta hezueria arintzeko".
Scribonius Largus sendagileak Klaudio enperadorearen gortean egin zuen lan K.o. I. mendean. Historiako farmakopea zaharrenetarikoan, De Compositione Medicamentorum izeneko lanean, 271 sendabide bildu zituen. Horietako bat, honakoa: "Buruko min iraunkor eta jasanezina berehala kentzeko eta sendatzeko bizirik dagoen ikaraio beltz bat jartzen da mina dagoen tokian, oinazea arindu eta gune minberatua txindurrituta geratzen den arte". Klaudioaren medikuak ere oinetako hezueria sendatzeko balio zuela zioen: oinutsik sakonera gutxiko uretan sartu eta ikaraioek lan egin zezaten utzi behar zuen eriak. Beste idatzi batzuetan artritisa eta epilepsia sendatzeko gomendatzen ziren arrainen deskarga elektrikoak.
Berriki Cefaly izeneko gailu elektroterapeutikoa merkaturatu dute. Kopetan ipintzen den gailuak bulkada elektrikoak erabiltzen ditu nerbio trigeminoan estimuluak eragiteko eta, hala, buruko mina arintzeko. Ofizialki ontzat emandako migrainaren kontrako lehen gailu elektrikoa da, baina ezin esan sendabide berritzailea denik. | news |
argia-82845c47ec5a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/kutxabankek-ahitu-egin-nahi-gaitu.html | "Kutxabankek ahitu egin nahi gaitu" | Urko Apaolaza Avila | 2015-01-18 00:00:00 | "Kutxabankek ahitu egin nahi gaitu"
Jose Maria Erauskin Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeko abokatua da. Bankuen gehiegizko klausulen kontra hamaika auzi ditu esku artean. Hernanin antolatutako Bankuen maltzurkeria. Kutxabank kasua mahai-inguruan hitz egin zuen, eta erakunde horren jokabidea hitz bakarraz deskribatu zuen: lukurreria.
Herrietako aretoak nekez bete ohi diren garaiotan, Hernaniko Biteri Kultur Etxeko gelan hamarnaka lagun bildu ziren iazko abendu amaieran Kaleratzeak Stop plataformak antolatutako mahai-inguruan; Kutxabanken egoerak eta jardunak jendartean sortu duen kezkaren erakusgarri izan liteke agian.
Ekitaldian hiru mahaikide aritu ziren. Javier Olaverri abokatu eta politologoak eta Julian Zapiain EHUko ekonomia irakasle eta ATTACeko kideak oso ikuspegi desberdinez hitz egin zuten kutxen banku bihurtze eta pribatizazioaz.
Mahai-inguruko hirugarren kideak, Jose Maria Erauskinek, familien ekonomia kaltetzen duten eta Kutxabankek erabiltzen dituen zenbait gehiegizko klausula izan zituen aipagai, eta horiek bildu ditugu hemen. Epaitegiek baliogabetuak izan dira, nahiz eta epai batzuk probintzia auzitegiak konfirmatzeko zain dauden. Horien artean ezagunena IRPHa izango da.
IRPH-Cajas
Hipoteken gaineko IRPH-Cajas interes-tasak berezitasun bat dauka: Espainiako bankuak kalkulatzen du, baina kutxek emandako datuen arabera. Hori deigarria suertatzen zaio Erauskini: "Mailegua Euriborrarekin daukagunean, ez bankuak eta ez guk ezin dugu Euriborra baldintzatu, baina IRPHaren kasuan, kutxa guztiek euren bezeroei kobratutako interesen bataz besteko sinplea egiten da, hau da, interes-tasa oso altua ezartzen duten entitateak, oso txikiak izanik ere, IRPHan eragiteko gaitasuna daukate. Eta hala, Euriborra %0,5ean dagoen bitartean, IRPHa %3,94ean dago, %700 altuago. Batez beste hilean 300 euro gehiago ordaintzen dute eta hori sekulako dirutza da, batzuentzat hil ala bizikoa".
Gipuzkoako Stop Kaleratzeak Donostiako merkataritza-auzitegira jo zuen, salatzeko IRPHa ez zela interes neutro bat. Epaileak klausula baliogabetu du eta gaur egun kontrako 32 sententzia dauzka pilatuta finantza entitateak: "Jakina, Kutxabankek errekurritu egin ditu eta orain zain gaude, ea probintzia-auzitegiak zer dioen. Pentsatzen dut presio handia izango duela finantza eta politika munduko botereengandik".
Gipuzkoan 15.000 familia inguru daude IRPHarekin, eta banan-banan joan behar dute epaitegira, euren abokatuekin eta tasak ordainduta: "Kutxabanki dirurik falta ez zaionez, dena errekurritzen du, eta horrek ahitu egiten gaitu. Orain kautelazko neurriak ere errekurritzen hasi da. Lotsagarria iruditzen zait. Kaleratze bat izan behar denean, sententzia iritsi bitartean epaileak kautelaz gelditu egin dezake prozesua, baina Kutxabankek errekurritu egiten du erabaki hori, baita irabazi ere, legediak arrazoia ematen diolako. Legalki arrazoia du, baina BBVA eta Rural Kutxak, adibidez, ez dute errekurritzen, sententzia iritsi arte itxaroten dute, baina Kutxabankek ez. Hori lukurreria da".
Abal-emaileak: ahate izatetik, oilasko izatera
Abal-emaileen kasuaz ere hitz egin zuen Erauskinek, "beste odoluste bat". Abal-emaileak zordun baten mailegua bermatzen du, hau zorra ordaindu ezinean geratuz gero. Abal-emaileak baditu oinarrizko eskubide batzuk, baina zer gertatzen da horiekin Kutxabanken eta beste entitateen kasuan? Abokatuak oso modu grafikoan azaldu zuen:
"Ahatearen testa bezalakoa da: ahate itxura baduzu eta ahate moduan igeri egiten baduzu, ahatea zara. Bada abal-emailearekin gauza bera. Baina badago klausula bat dioena zure eskubideei uko egiten diezula: uste duzu ahatea zarela, baina ezer esan gabe kirurgia egin dizute, eta hara, oilaskoa zara adiskide! Uste duzu abal-emailea zarela eta egiaz zordun solidarioa zara. Zer esan nahi du horrek? Kutxabank zure etxebizitzarekin geratu daitekeela hipoteka eskatu duenarena baino gehiago gustatzen bazaio. Gurasoen etxea bereganatu nahi izaten dute seme-alabena ukitu ere egin gabe. Hau gertatzen ari da, lau salaketa jarri ditugu".
Erauskinen esanetan egoera horrek sekulako antsietatea sortzen du zordunarengan: "Badakizu zer den pertsona batentzat gurasoak bere erruz etxerik gabe geratzea? Krispazio eta desoreka ugari sortu ditu familietan".
Informazio eskubideari uko: oilaskoa putreak jaten duenean
Kutxabankek erabili ohi duen beste klausula batek dio uko egiten diozula informatua izateari zure kreditua beste baten esku lagatzen denean: "Kutxabankek zure kreditua funts-sarraskijale bati saltzen dionean, zuk ez dakizu, informazio horri uko egin diozulako, eta hala, ez duzu kreditua baldintza beretan erosteko aukerarik". Kutxabankek mailegu horiek euren balioaren %5ean saldu izan dizkie funts-sarraskijaleei, esaterako 2014ko ekainean herritarrek ordaindu ezin zituzten 340 milioi euroko kreditu pertsonalak –60.000 kreditu– 5 milioiren truke saldu zizkion funts bati. Erauskin kexa da, jendeak ere erosiko lituzkeelako prezio horretan: "Badago gauza bat asko gogaitzen nauena. 27.000 euroko mailegu bat Luxenburgoko funts-sarraskijale bati saldu badiozu 400 eurotan, zergatik ez diozu gauza bera eskaini bezeroari? Ez diozulako ezer barkatu nahi".
Abokatuak azaldu zuen atzerapen-interesak %17,25 kobratzea ere "astakeria bat" dela. Legearen arabera adostasunik egon ezean %4 izan behar du, baina Kutxabankek argudiatu ohi du portzentajea bezeroarekin adosten duela: "Ez da hala izan, mailegu guztiek %17,25 badute, ezin da ulertu negoziaziorik egon denik, jende guztiari inposatu dio hori: hartzen duzu ala ez". Klausula hori ere baliogabetu egin dute epaitegiek.
Bestalde, garaiz ez ordaintzeagatik egindako erreklamazioarengatik 30 euroko komisioa kobratzen du entitateak eta klausula hori ere baliogabea dela dio Stop Kaleratzeak taldeak: "Komisioa, egindako zerbitzu batengatik kobratu ohi da, eta zer zerbitzu eman dizute? Garaiz ez duzula ordaindu abisatzea? Ohar horrek 30 zentimo baino ez ditu balio; 30 euro desproportzionatua dela esan du epaitegiak.
Aitzitik, Kutxabankek soilik epaitegira jo duenari kentzen dio komisioa eta horrelakorik egiten ez duenari –Erauskinen aburuz normalean prokuradorea eta tasak ordaintzeko dirurik ez duelako– kobratzen segitzen du: "Badago jende heldua 400 euroko alargun-pentsioa besterik ez duena, eta diru hori mailegua ordaintzeko ezarritako eguna baino zertxobait beranduago jasotzen duenez, hilero 30 euro kentzen diote".
Arazoa ez dira kaleratzeak, gehiegizko klausulak baizik
"Etxetik kaleratzeak bankuen abusuaren ondorioetako bat dira" esan zuen Hernanin Erauskinek. Bere hitzetan abusu horiek jendea pobretzen dute eta lehentasunak markatu behar izaten dituzte: "Badaude pertsonak ezer ordaindu ezin dutenak, eta kalean geratzen dira, horiek dira telebistan ateratzen direnak. Beste askok hipoteka ordaintzen segitzen dute –bankuen abusuen ondorioz gehiegi baloratuta dauden arren– baina ez dute afaltzen edo bazkaltzen. Gaizki elikatutako haurrak daude, IRPHaren 300 euroekin makarroi eta lenteja asko eros daitezkeelako. Sukarra duzunean paracetamola, liburu bat, familiarekin askari bat... Gauza arrunt horiek ere ezin dituzu eduki, zure diru-sarreren %90 hipoteka ordaintzera bideratzen baduzu".
Erauskinen iritziz etxetik kaleratzeen kontrako neurriak proposatzen direnean, mesedea bankuari egiten zaio, horrela, bankua "lasai" egon daitekeelako: "Berak etxetik kaleratuko ditu beste batzuek estalpea emango diotela jakinda". Soluzioa, hortaz, ez omen da kaleratzea konpontzea, bankuen gehiegikerien kontrako lege bat baizik.
Epailea prebarikatzen
"Europa bakarrik geratzen zaigu, hemengo justiziak ez du balio. Magistratu gisa dago La Caixako sistema juridikoa osatu duena". Sebastián Sastrez ari da, Espainiako Auzitegi Nagusian preferenteen gaia aztertuko duen epaileaz: "Azeria oiloak zaintzen jartzea bezala da".
Gutxieneko muga edo zoru bat ezartzen duten klausulak ere Auzitegi Nagusira iritsi dira eta baliogabeak direla erabaki dute, baina ezin direla itzuli, horrek sistema publiko-ekonomikoa arriskuan jar dezakeelako: "Zein da irakaspena? Gutxi lapurtzen baduzu itzuli egin beharko duzu, baina asko lapurtuz gero, berarekin geratu zaitezke".
Stop Kaleratzeak-eko talde juridikoko kideak etengabe ari dira epaileari Europatik datozen sententziak erakusten, halako erabakiak ezin direla hartu erakusteko, Espainiako legediak baimendu arren. Izan ere, Europako Justizia Auzitegiak 1978ko Simmental epaian dio juezak ezin duela herrialde bateko araudia ezarri Europakoarekin kontraesanean baldin badago: "Pentsatzen ari gara salaketaren bat jartzea juezaren kontra, prebarikazioagatik. Nahiz eta jakin halakorik ezin duela egin, Europak kontrakoa exijitzen diolako, jarraitzen du egiten. Seguruenik elkar estaliko dute, baina gutxienez prentsan aterako da Donostiako epaile bat salatua izan dela". | news |
argia-f025cb8c2706 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/urte-berrirako-helburuak-eta-desioak.html | Urte berrirako helburuak eta desioak | Juan Mari Arregi | 2015-01-18 00:00:00 | Urte berrirako helburuak eta desioak
Hasi berri dugun urtean, dauzkagun desioak helburu betetzea nahiko genuke sozio-ekonomia zutabe honetatik. Atzean utzi duguna ustelkeriaren urtea izan da, prekarietatearena, langabeziarena, pobrezia eta bazterketa sozialaren urtea. Hori guztia egungo sistema ekonomikoak ekarri du, kapitalismoak, nahierara ibili delako eta munduko eta herrialdeetako ekonomia gidatu duelako, herritarrek aukeratu ez duten arren.
Sistema ekonomiko alternatiboa nahiko genuke, ekonomia soziala eta solidarioa bere egingo dituena, funtsezko baloreetan oinarritua, hala nola elkartasuna, giza duintasuna, justizia soziala, ingurumen politika jasangarria, merkataritza justua, gardentasuna eta demokrazia. Hori lortuko bagenu, gutxieneko soldatek, pentsioek, diru-sarrerak bermatzeko errentek, langabezia sariek, menpekotasunagatiko diru-laguntzek eta bestelako prestazio sozialek pobrezia-maila gainditu beharko lukete. Maila hori 1.000 euro inguruan dago, baina gutxieneko soldata 648 eurokoa da, langabezia saria berriz 428 eurokoa, eta alargunentzako pentsioa maiz ez da iristen 700 eurora.
Baina horretarako politika ekonomikoetan erabateko aldaketa behar da, euskaldunen subiranotasun ekonomikoa eta lan-harremanen euskal esparrua ere errespetatu, sustatu eta defendatuko dituen sistema behar baitugu. Politika ekonomiko horrek zentzuzko kontsumoa bultzatu behar luke ekonomia haz dadin, baina horretarako beharrezkoa da soldatak ere haztea. Enplegu duina ere sortu behar da. Eta iruzur fiskalari gogor egin; paradisu fiskalak ezabatu eta iruzurgileak identifikatu behar dira. Gehien duenari zerga gehiago jarri behar zaizkio; enpresa eta multinazionalek ordaindu ditzatela dagozkien zergak. Eta azkenik, murriztu behar da militarren eta monarkiaren gastua, eta baita alferrikakoak diren AHT gisako azpiegitura erraldoietan egiten diren xahuketak ere. Ea helburu eta desio horiek betetzen doazen. Herritar bakoitzaren ekarpena funtsezkoa izango da horretarako, baita mugimendu sozial, sindikal eta politikoena ere. | news |
argia-0fafe3051c79 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/gaizka-garitano.html | "Izugarri gustatzen zait dirua desmitifikatzea" | Sustrai Colina | 2015-01-18 00:00:00 | "Izugarri gustatzen zait dirua desmitifikatzea"
Denbora da poligrafo bakarra.
Ume batentzat mundua bezain borobila da baloia?
Gure aita futbolaria zen, bi osabak ere bai, amaren osaba Koldo Aguirre Athletic-eko jokalari ohia da... Nik txikitatik arnastu dut futbola. Besterik ez zegoenez, horrekin hazi naiz, une batean estu, itota, sentitzeraino. Mundu profesionalera iritsita konparaketak ekidin ezinak dira eta erreferente gehiegi nituen etxean. Gainera, gure garaian, infantiletan jendeak utzi egiten zion ikasteari. 15 urterekin jendeak buruan zeukan bakarra Athleticen jokatzea zen. Talde handien harrobietan galbahea urtero pasa eta ohikoena lehen taldera inoiz ez iristea izan arren, jendeak dena uzten zuen futbolaren izenean. Pentsa, horietako askok ez aurrera ez atzera geratzean gorriak eta bi pasa dituzte eta orain hasi dira ikasten. Nik ikasketekin jarraitzeko tentua izan nuen, baina orduan, bai jokalariak bai gurasoak itsututa zeuden, eta klubek ezer gutxi egiten zuten ikasketei eusteko. Orain, zorionez, Lezaman eta Zubietan bertan dauzkate irakasleak, eta gaztetxo bati txoro haizea sartu orduko, "txikito, jarraitu ikasten!" agintzen dio klubak.
Ez da samurra ikasten jarraitzea, harmailetan gurasoek burua galtzen duten bitartean, ordezkariak belarrira biharko Messi zarela xuxurlatzen dizunean.
Gurasoena frustrazio metaketa izugarria da. Zoratzear garrasika dabiltzan guraso gehienek nahi dute euren umea eurak izan nahi eta izan ez zirena bihurtzea. Ez gaitezen engaina, askotan gurasoek nahi dute haurra futbolari izatea, ez haurrak. Nola azaldu, bestela, eskola arteko partidetan dagoen lehiakortasun itsu hori? Ez da normala, ordezkariena normala ez den bezala. Hala, sinesgaitza izan arren Eibarko jubenil batek ordezkaria dauka. Hirugarren mailan entrenatzen nuenean traje eta gorbatadun bat etortzen zen jokalariek hilero 150 edo 200 euro kobratu behar zuten hitzartzera. Haluzinatu egiten nuen. Txikitatik nabil futbolean baina futbolaren parafernalia osoa ulertzea asko kostatzen zait oraindik.
Lehiatu zara Lehen mailan, Bigarrenean, Bigarren B-n... Alde handia dago fokupetik itzalpera?
Publiko zabalaren begietara, saltzen dena baizik ez da existitzen. 2. B maila ez da bereziki erakargarria, gero eta arazo ekonomiko handiagoak daude, telebistak jendea zelaietatik urrundu du... Gaur egun, Lehen mailan, edo asko jota 2. A mailan ez bazaude, ez daukazu oihartzunik, jendearentzat hutsaren hurrengoa zara. Garai txarrak dira, telebistak mugitzen ditu hariak, eta elitetik kanpora hotz egiten du. Diru-sarrerak nahi badituzu Lehen edo Bigarren A mailan egon behar duzu. Horrek Espainiako Estatuan bizirauteko aukera 42 taldek baizik ez daukatela esan nahi du. Hortik behera ez jokalariek, ez entrenatzaileek, ez klubak ezin dute futbolaz bizi. Sistema antolatuta dagoen bezala, Futbol Profesionalaren Ligatik kanpo egoteak futboletik at uzten zaitu kasik.
Horregatik bururatzen zaizkio jendeari futbola entzutean "dirua", "fama" edo "polemika", "gola" eta "baloia" baino lehenago?
Futbolaren inguruko gero eta programa gehiago daude baina gero eta gutxiago hitz egiten da futbolaz. Entrenatzaileok ere prentsaurrekoak eman eta eman gabiltza, futbolaz apenas mintzatu gabe. Prentsak dioenaz, arbitroaz, bataren eta bestearen adierazpenez, arropa markez, polemikez, fitxaketez, azken aldiko indarkeriaz... Inguruan gertatzen den guztia dugu aipagai, baina jokoaren esentzia inori ez zaiola ardura dirudi. Ingurukoak muinekoak baino oihartzun askoz handiagoa du. Ulertzen dut zirko handi batean gaudela eta negozio hau ezingo litzatekeela mantendu polemikarik, marketinik, inguruko berbarorik eta kamisetarik saldu gabe. Niri jokoa gustatzen zait, ordea, jokoaren gaixo bat naiz. Futbol partida bat xake partida bat bezalakoa da niretzat. Baina alferrik da, kazetari asko jokoari buruz hasiko balira ipurdi-bistan geratuko lirateke, entrenatzaileok ere askoz gehiago busti beharko genuke, zer dakigun eta zer ez erakutsiz, eta denon erosotasunaren izenean, inork ez du jokoaz hitz egiten.
Hitz egin dezagun entrenatzaile on bat izateko behar denaz.
Entrenatzaile on bat izateko jokoaren ezagupen handia behar duzu, baina batez ere, taldea kudeatzen jakin, lider bat izan. Egungo puntako entrenatzaile guztiak dira liderrak, gidariak, euren ideiak transmititzen eta komunikatzen dakitenak, beraien konbentzimenduz jokalaria konbentzitzen dutenak, bakoitzari zukua ateratzen diotenak, pertsonen arteko harremanen gakoak kontrolatzen dituztenak... Niretzat entrenatzailea kudeatzailea da, coach-a. Badakigu taktikan, teknikan, entrenamenduen prestaketan edo partiden planteamenduan ezin dugula huts egin, baina taldearen oreka orokorra kudeatzeak ematen digu buruko minik handiena. Ni naizen bezalakoa izanda jokalarientzat eredugarria izaten saiatzen naiz, esaten dudanarekin baino egiten dudanarekin predikatzen. Ez naiz diskurtso handien zalea, nahiago dut nire akats eta aziertoekin bide bat markatu eta bide horrekin koherentea izan. Koherentzia eta lana dira nire goiburuak. Askotan huts egiten dut, baina beti markatutako bidearen barruan eta lana eginda. Entrenatzaile batek ez badu entrenamendua ongi prestatu edo jokalariei erakutsi beharreko bideoa aurrez ikusi, alferrik eskatuko die lana eta zorroztasuna, ez dauka sinesgarritasunik. Zure bidea ekintzekin markatzen baduzu, ordea, jendeak jarraituko zaitu.
Errazago jarraituko zaitu identitate baten arabera eraikitako talde homogeneo batek?
Egungo futbolean gero eta zailagoa da oinarrizko balore sorta bati eustea, talde homogeneoa osatzea. Guretzat ideala litzateke talde euskalduna, edo gutxienez euskal herritarrez osatutako taldea, eraikitzea. Lehen Mailan gaude, ordea, eta euskal jokalari onenak Athletic eta Realera doaz. Horrek Espainiako eta atzerriko merkatura jotzera behartzen gaitu, eta ondorioz, gero eta zailagoa da Eibarko herriarekin, kulturarekin eta izaerarekin lotura duen taldea egitea. Horregatik pasatzen ditugu orduak eta orduak hemen herri bat, kultura bat, hizkuntza bat, izaera bat eta gauzak egiteko modu bat daudela azaltzen. Eibar ez da talde arrunt bat. Jokalariek jakin behar dute talde hau zer zen orain 40 urte, zer zen orain 5 urte, eta nola portatu behar duten gurea bezalako klub batean. Fitxatu aurretik, horregatik erreparatzen diogu hainbeste jokalariaren zelaitik kanpoko izaerari. Langilea eta umila ez denak nekez luzituko du gurean.
Transmititutakoa barneratzeko denbora behar da, futbolean existitzen ez den denbora.
Egia da azken emaitzaren arabera baloratzen zaituztela, futbolean ez dagoela etorkizunik, egun batetik bestera pasatzen zarela gailurretik zulora... baina ni txikitatik nago gurpil horretan sartuta eta ez naiz ohartzen. Badut presioa, baina ez dut sentitzen. Ohitu naiz urgentzia horretan bizitzera. Horregatik diot presioa norberak sartzen diola norbere buruari. Txikikeria batek ito zaitzake, eta egoera gaizto batean hazi egingo zara. Hala, hotzean begiratuta, guk ez daukagu presiorik. Goseak hiltzen ari diren umeek, etxebizitza galtzeko zorian daudenek, kale gorrian geratu direnek... Horiek daukate benetako presioa. Guk zer presio daukagu? Kaleratzen bagaituzte pena galanta, urguiluan zauria, baina ez gara gosez hilko. Horregatik, ez dugu ahaztu behar gurea zirko bat dela eta benetan presiopean dagoenaren aurrera agertzen garela egunero. Askotan zeharo arduratuta agertzen gara, larritasunaren mugan, loa galduta, baina dena daukagu.
Denborarik ezak amnesia omen dakar. Ohartzen gara Eibarren balentriaz?
Gu ez gara konturatu. Ez dugu astirik izan hondartzan etzan eta gure zilborrei harro esateko "begira zer lortu dugun!". 2. Bn ez genuen aurrekontu handiena eta mailaz igo ginen. 2. An, aurrekontu txikienarekin irabazi genuen liga. Izugarri gustatzen zait dirua desmitifikatzea, diruari iskin egitea, erakustea badirela beste balore batzuk, ez duela beti diruak irabazten. Igotzeak bezainbateko poza ematen dit aurrekontu txikienarekin igo izanak. Ez daukagu entrenatzeko zelairik baina lehen mailan gaude. Hori ez da ahanzten.
"Eta orain, zer?" galdetuko luke konformagaitzak.
Helburua betetzen duzun unea beti da kritikoa, helburu berriak zehaztean beti duzulako zure mugekin topo egiteko arriskua. Azken urteetan egin duguna eginda ere, jendeak gehiago nahi du. Baina orain Lehen Mailan gaude, denboraldia uste baino hobeto hasita, eta une gaitzak gero eta gertuago daude. Futbolean mendian bezala gertatzen da, behin tontorra igota ogitartekoa jaten geratzen zara, baina gaua eta hotza heltzean ez dago behera egin beste erremediorik. Gu gailurrean ogitartekoaz gozatzen ari gara. Horregatik, plazer hori luzatzeko borrokatu eta gaua eta hotza datozenerako prest egon behar dugu.
Gaua eta hotza datozenean, entrenatzaileak bakar-bakarrik geratzeko arriskua izaten du.
Jokalariek entrenatzailea bota dezakete eta prentsak ere bai. Ez da kasualitatea entrenatzaile asko prentsa-aretotik bizi badira. Futbolaz asko dakien lagun batek beti esaten dit, entrenatzaileak kazetarien aurrean bere burua ondo saltzen eta aldaketak egiten asmatzen badu, salbatuta dagoela. Nik, ordea, ez daukat hori kudeatzeko estrategiarik. Saiatzen naiz buruari mila buelta ez ematen eta naturaltasunari zein zintzotasunari hitza uzten. Esaterako, ardura bat sentitzen dut nire ideia, herria eta hizkuntzarekiko. Nirea ez da Eibarko langile bat izan eta partidak irabaztea bakarrik, nire baitan daramatzadanak aldarrikatu nahi ditut, aurrerapausoak ematen lagundu. Horrek prezio bat duela? Nahiago dut prezio hori ordaindu eta lasai lo egin. Etengabe erakusleihoan gaudenok ere gure hondar-alea jarri behar dugu.
Erakunde publikoek futbol taldeei dirua eman edo zorrak barkatu behar dizkiete erakusleihoan segi dezaten?
Ez zait normala iruditzen desagertzear dagoen klub batek laguntzak jasotzea eta etxea ezin ordainduz dabilenari ez barkatzea. Baina hori da gaur egun gertatzen dena, eta horrelakoetan, lotsatu egiten zara zirkoaren parte izateaz. Egia da jendeak ez duela bere taldea desagertzea nahi, baina zeini eman behar zaizkio laguntzak? Kudeaketa txar baten erruz lepotik gora zorpetuta dagoen klubari? Dirua lapurtu duen agintariari? Orain arte, gauzak ongi egiteak ez zuela balio zirudien. Gu zorrik gabe lehiatzen ginen zorpetuen aurka, baina fitxatzerako orduan zorpetuek guk baino diru gehiago eskaintzen zuten. Hori tranpa da. Zorionez, urak bere onera datoz, sistema guztia agerian geratzeak garbi utzi du futbol talde bat etxeko ekonomia bezala kudeatu behar dela, daukazuna baino gehiago gastatu gabe, zure ahalen arabera biziz. Horrek ordaintzen duenari egiten dio mesede, eta datozen urteak Eibarrentzat hobeak izango direlakoan nago.
Futbolarekin loturiko azkenaldiko indarkeria kasuek ere agerian utzi dute sistema.
Egia da klubek euren etxeko lanak egin behar dituztela, baina soluzioa arazoa bezain sinplea da. Jendeak ume-umetatik zelaira joatean, gurasoak, burua galduta borrokatzeko desiratzen dauden zalez inguraturik, etikoki dudakoak diren abestiak oihukatzen ikusi baditu, zer espero dugu? Ingalaterran ez da halakorik gertatzen. Hori aldatzea gure esku dagoen heziketa kontua da. Belaunaldi batek besteari txiki-txikitatik esaten badio jendea errespetatu behar dela, berehala eta berez desagertuko da indarkeria futboletik. Futbola jendartearen isla da, eta jendarteak argi badu futbolean indarkeriak ez daukala lekurik, egungo jarrerak desagerraraztea urte gutxitako kontua izango da. | news |
argia-7d2b22d192f0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/ala-bazan-edo-ez-bazan-urumean-behera-jaisten-zan.html | Ala bazan edo ez bazan� Urumean behera jaisten zan | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2015-01-18 00:00:00 | Ala bazan edo ez bazan� Urumean behera jaisten zan
Txotx denboraldia abiatu berri dela aitzakia hartuta, Astigarragako Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek martxan jarri duten ekimena ekarri dugu orriotara: hainbat mende egin dute atzera, sagardoak historian izan duen lekua ezagutarazteko.
Petritegik eta Lizeagak XV eta XVI. mendeetara egin dute bidaia, baserri-dolare bien jatorriaren bila, hasiera batean familiako arbasoen bizimodua ezagutu asmoz, eta Urumea ibaiak izandako garrantziarekin egin dute topo. Ur korronteak lotzen ditu Astigarraga eta Donostia, eta bi herrien arteko harreman sareen aztarnak aurkitu dituzte artxiboetan (gehienbat salerosketei buruzko idatzietan). Donostiako aberatsek bazuten interesik sagarrondoen lurretan, sagardoak bai baitzeukan merkatuan bezerorik. Zenbait jauntxok Astigarragako baserri-dolareak erosi zituen, bertan urtean zehar lan egingo zuten maizterrak sartu eta emaitzak poltsikoratzeko. Eta bigarren zati horretan rol esanguratsua zuen Urumeak, ibaian barrena garraiatzen baitzuten sagardoa barrikatan; eta noski, sagardoa bezala beste hainbat gai.
Zer da Donostia, Urumea gabe?
Teoria batek zalantzan jartzen du Donostia den moduko merkataritza hiria izatera iritsiko ote zen Urumea bezalako salerosketa eta garraio ibairik izan ez balu. Diote, mugimendu horiek izugarrizko bultzada eman ziotela hiriaren garapenari, eta beraz, hori gabe agian gauzak beste modu batera bideratuko zirela. Zaila da ziurtasunez jakitea hiriaren bidea bestelakoa izango zenentz, baina Urumearekin zer izan den ezagutzeko behintzat iraganeko aztarnak badaude; eta ibaian ibiltzen zen mugimenduarekin merkatu handia ireki zitzaion Donostiari eta donostiarrei.
Sagardoa Ternuaraino
XVI. mendean Ternuarainoko bidaiak egiten zituzten euskal arrantzaleek eskorbutoaren kontrako edari gisa erabiltzen zuten sagardoa. Astigarraga inguruetan baserri-dolareak erosita zeuzkaten Donostiako jauntxoek bazuten itsas-bidaia horien berri, eta negozioa ere usainduko zuten. Hilabeteak pasatzen zituzten arrantzaleek lurrik zapaldu gabe, eta sagardoa zen ontzietan bizirauteko eramaten zuten elementuetako bat. Egarria asetzeaz gain, infekzioak eta gaixotasunak ekiditeko aproposa zen edaria.
Pasaiatik abiatzen ziren itsasontziak Ternuarantz. Hala, lehen Donostiaraino Urumea ibaian behera garraiatutako sagardoa Pasaiako portura bideratzen zuten. Litro ugari sartzen zuten itsasontzietan, eta behar horiei denei erantzuteak sagardoaren produkzio eta merkaturatze handia eskatzen zuen. Produktuak uretan barrena garraiatzen bazituzten, logikak agintzen du egongo zirela karga eta deskargarako portu txikiak ibaian zehar.
Artxiboetan aurkitutako informazioaren arabera, bai Lizeaga eta bai Petritegi sagardotegiei buruzko lehen datuak XVI. mendekoak dira. Ordurako, idatzietan Donostiako jauntxoak ageri dira Petritegiren eta Gartziategi baserri-dolarearen (gaur egungo Lizeaga sagardotegia dagoen baserriaren) jabe. Bi nagusiren eskuetan zeuden: batetik Petritegiko nagusia, Pedro Martinez de Igeldo, eta bestetik Lizeagakoa, Juan Sanchez de Araitz.
Albaola Fundazioaren kolaborazioa
Albaola Itsas Ondarearen Fundazioa da, eta euskal uren, itsasoaren eta itsasgintzaren historia aztertzea du helburu. Sagardoaren bueltan hasi zen proiektu honek, baina, Urumea ibaiaren merkatari mugimenduarekin eta itsas munduarekin badu lotura, zeharkakoa edo zuzena. Hala, egitasmoan urei dagozkien atalak Albaola Fundazioa bera ari da bideratzen. Urumea bazterretan egon ziren portuen inguruko informazioa biltzen dihardute, esaterako, eta bat berreraikitzeko asmotan dira. Astigarragaren eta Ergobiaren artean lau portu egongo ziren susmoa dago: Arbizu Portu (Aiozategi bezala ere agertzen da idatziren batean), Ergobia, Murgia eta Gartziategi. Azken hau, izenak iradokitzen duenez, gaurko Lizeaga sagardotegiaren (Gartziategi baserriaren) paretsuan egongo zen, eta horixe izango da berreraikiko duten portua. Bertan ala (egurrezko ontzia) sagardoz bete eta Donostiaraino jaisteko asmoa dute, garai batean egingo zuten bezala.
Astigarragan ere geratzen zen sagardorik
Sagardo guztia, dena den, ez zuten Donostiako aberatsek eramaten. Urteko uztaren zati bat –badirudi zati horren kopurua jauntxoak berak erabakitzen zuela– baserri-dolarean geratzen zen, ez ordea gaur egun txotx denboraldian kupela irekitzen den gisan irekitzeko. Era antolatuan zabaltzen ziren sagardotegiak, bata bestearen atzetik. Herrian hainbeste baserri-dolare bazeuden, zozketaz erabakitzen zen bakoitza irekitzeko txanda; eta dolare bakoitzeko sagardoa bukatu ahala zabaltzen zen hurrengoa. Guztietako sagardoa edango zela ziurtatzen zuten horrela. Herritarrentzako irekita egoten ziren, baina jendea ez zen, gerora ohitura bilakatu den moduan, bertara jatera joaten. Pitxarretan saltzen zen zukua.
Sagardotegi batetik besterako desberdintasuna nagusien edo jauntxoen esku zegoen, haiek erabakitzen baitzuten dolarean maizterrarentzat zenbat sagardo utzi nahi zuten. Sagardotegi bakoitzean sagar-zuku kopuru ezberdina egoten zen, baina ez uztaren edo produkzioaren arabera, nagusien eskuzabaltasunaren arabera baizik.
1765ean lege aldaketa
Zozketaz sagardotegiak banatu eta merkatua erregulatzen zuen legea 1765ean aldatu zuten. Hortik aurrera, herritarrek edo erosleek ez zeukaten ordena jakin bat errespetatu beharrik, eta sagardotegiek eskaintza zabaltzen hasi ziren, kazuelatxoak kasu. Segur aski, inflexio puntua izan zen momentu hori baserri-dolareen eta sagardoaren bidean, eta gune hauetara aisialdian gerturatzen hasiko zen jendea. | news |
argia-9e04174659cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/uruguaiko-aldaxka-elkartea.html | Hego-hegoaldeko euskaldunen nortea eta konortea | Asisko Urmeneta | 2015-01-18 00:00:00 | Hego-hegoaldeko euskaldunen nortea eta konortea
Diasporak bere ditu urrunaren estereotipoa, folk mindua eta mus txapelketak. Horien bila joaten denak ez ditu Montebideoko Aldaxka elkartean atzemanen. Bertan, laugarren belaunaldikoek beren burua aurkitu dute Euskararen mirail dinamikoan.
Bi estatu handiren artean, hiru milioi pasa biztanleko herri bipila. Ezaguna egiten zaizula? Horra hor Uruguai, bere gain bezain burujabe, Brasil eta Argentinaz inguraturik. Estatu laikoa sortzez eta kirolez, bidaia-agentzietako jomugetatik bazter, bertakoen izaera dauka aktibo baliosena. Zera, barka, jatorrizko bertakoak errepublika sortu berriak akabatu egin zituen arraheinki; eta azken txarruak –hala baizeritzaten– Europako zirkuetan ibili zituzten 1830eko hamarraldian, ñandu parea lagun.
Honenbestez, txarruen eta guaranien arrastoa ez duzu toponimian eta azpegi batzuetan baizik kausituko.
Mestizaia eta fusio arrakastatsuon ondorioz, jatorri europarra du nagusiki Uruguaiko biztanleriak: Espainia, Italia, Euskal Herria. Eta izan ere, euskal presentzia biziki present dago. Han, euskaldun izenak adjektiboaren kategoria ere hartzen du: Bai, ni euskaldun xamarra naiz, vasco berdin burugogor izanki. Haurrek Vascolet edaten dute, eta nagusiek El Vasquito. Lehena, txokolate-hautsaren marka klasikoa, gerora Nestlék erosia, eta bigarrena ardo arras popularra. Muxika ez dugu gurutzatzerik izan, ez eta Galeano ere, baina Montebideon ezagutu ditugu Eizaga, Mendiharatz, Fagalde leinukoak, taxi ostatu eta merkatuan.
Euskal Herriko historia kritikoa egitekoa baita beti, lirikara jo dugu migrazioaren kasuan ere, zio politikoak aztertzeko partez; eta denboran, Uruguain atzeman ditugu Iparragirre urretxuarra, Oxalde bidarraitarra, eta Mendiaga aldudar-hazpandarra. Azken honek honako bertso hauek paratu zizkion Iriarte Borda, orduko presidenteari: Ez zirela bakarrik vasco arropetan/ Euskaldun odola duzula zainetan.
Aldaxka Elkarteko partzuerrek alde egin dute euskal etxeetatik. Nonbait, jarrera txarra egotzi zaie euskaraz mintzatzeagatik. "Horrez gain, frekuentzia ezberdinetan gabiltza" diosku Leonat Egiazabal, Lehu, aldaxkakideak "Haien jomuga sosa eskuratzea da, baina ez dute proiektu zehatzik. Guk berriz, Euskara dugu iparra, eta euskal erroen arrapiztea bitarteko". Elkartearen indarraz galdeturik, "Euskararen Eguna kari, 40 lagun elkartu ginen programa tinkoaren inguruan. Urtebete baizik ez daramagu martxan, eta honez gero dozena bat lagun biziki inplikaturik ari gara, balore kolektiboak lantzen eta hedatzen". Joan den abenduan Euskal Zinemaldia antolatu dute Uruguaiko Zinematekarekin batera: 10 film euskaraz, espainieraz azpititulatuak, eta 2 zuzendari konbidaturik bertan; hitzaldiak unibertsitatean, hango eta hemengo sortzaileen topaketak, eta horiek guztiak Montebideoko publikoaren arrapostu onez. Beste inongo parekorik bilatu nahi izatera, Hazparneko Zinegin litzateke haren haurride txipia. Montebideo 10.000 kilometrora dago Kursaaleko tapiz gorritik, Cape Town baino hegoalderaxeago. Alta, iparra argi: "Koxe Mendiagak Rio de la Platan sortu zuen Euskal Etxean boza emateko, euskalduna behar zen izan. Hots, euskaraduna, polisemiarik gabe. Berriki antolatu dute hitzaldia Mendiagaren etxean Euskal Herria esplikatzeko, eta Fernando Savater dute ekarri".
"Jinen da gure aldia" zioen fundatzaileak, zer sentituko ote zukeen egoitzaren atarian hiru banderok ikusirik: ikurriña, espainiarra eta asturiarra". Diaspora antolatuaren zentzu-hustearen marka, sukar berria hedatzen ari da euskal etxeetan: paellada. Horretarako milaka euro xurgatzen omen dira eusko erakunde publikoetatik. "Har eta har, kolonia baten gisan. Guk eman egin nahi dugu, hartu duguna euskal mintzaidegoari itzuli, haren parte baikara".
Izen, eta ez izan?
Lehuk, beste hainbakanek bezala, euskaldundu du bere burua. Haren aitonaren aitona Irundik, eta amatxiren amama Ortzaizetik jin ziren Ameriketara; eta haien arrastotik hasi zen aspaldi, ikerka. "Nik 18 urtean euskal kolektiboa ezagutu dut, gerrako iheslari zaharrak, eta bertako euskaldun haiek. Gero etxean, amatxik hitz bitxi batzuk tartekatzen zituen, arkano gisa: profesora gezurra, ipurdibeltxa, pitiri, eta holako". Familiaren deituraren esanahiatik hasi zen bila, gero etorkia aztertu, azkaziekin kontaktatzea ere erdietsi zuen... "Orduan nintzen hasi arbasoen euskara ikasten, hemengo euskaldunberri batekin hastapenean, eta Lazkaon gero". Barnetegian eman 7 hilabeteotan ordea, ez zen bidea bururatzen; komunitate konplexatua aurkitu omen zuen Europan. Hizkuntzarena ez baita deuskeria: "Gerran gara, eta konfliktoa egunerokotasunean da irabazten, edo galtzen. Guk etxean jokatzen dugu, eta garaitzera atera behar gara... Baina ez". Gerra horretan hitza daukagu arma, baina estrategiarik ez: "Gehiengoan zaudetenean, gutiengoaren alde egiten duzue; eta gehiengoa galtzen duzuenean autourrikalmenduan itotzen zarete". Eta egoeraren diagnosia gordina gero: "Bi hizkuntza ukipenean direnean luzaz, batak ordezten du bestea. Ez ikusiarena egin dezakegu, baina lausotzen ari gara, lurruntzen, desagertzen". Hitzak norabide bakarrean sartzen dira, mintzaje batetik bestera beti; gero espresioak, ondorean esaldi osoak. "Plazer egin nahi diozue erdaldunari, eta zuen burua apaltzen duzue, hura gainetik pasa dakizuen". Irakasle anitzek, etsiaren etsiaz, azterketa gainditzen irakasten dute. "Hizkuntzaren maila, por el puto papel ikastera derrigortuak diren funtzionario publikoen eskakizunaren araberakoa da: eskaxa eta herbala". Eta lengoaia horixe daukagu eredu: "Euskara sanoaz mintzo denari kaxero erraten zaio, eta goi mailako hizkera darabilenari, ponpoxo eta pedante".
Egiazabalen arabera, aldiz, esparruak zabaldu egin behar ditugu: "Ghettoak gainditu, hiztunen ahulezia sendatu". Espainieraren makulua ezinbesteko egin omen zaigu "ikusi bestela bertsolarien finala. Euskara hutsa ez zaizue aski nonbait, eta espainieraren dialektalizaziora jo duzue". Lehuk bizitu egin zuen hori, Lazkaotik Ortzaitzera joan zenean: "Alienigenak zitzaizkidan bertako ene senideak; alta, euskaldunak ziren, eta garbiak gero!" Hondoan, sakoneko gaia: "Batua lanabes baliosoa da, baina oraingo egunean bi batua dauzkagu, Pirinioaren alde banatan. Estatuen egitura administratiboa onartu eta onetsi egin duzue erlijioski, eta mugaren orbana barnatzen duzue egunez egun".
Barre zarata bezain batua, irri azantza
Hiztegiei begirada botatzea bezalakorik ez dago, Zazpiak Biga direla ohartzeko: Ipar Euskara/Frantsesa, eta Hego Euskara/Espainiera. Ez dago Lapurdi edo Nafarroa Behereko Euskara, espainierarekin aldezturik duen hiztegirik. "Gure azkaziekin komunikatu nahi genuen, eta frantsesez ez jakin. Lhanderen hiztegia arakatu genuen, hameka klasiko, paper zahar, kantutegi; eta Rio de la Platako espainierarekin dugu erkatu. Eskubide osoz, eta praktikotasunaren izenean, Batua bat eta bakarra egitekotan: Nork erran lezake zarata dela batua, eta azantza euskalkia?". Bidearen luzea, desikastea: "Hori erakatsi ziguten, mugaren logikatik betiere. Desikasi beharreko logika beretik: Iparralde eta Hegoalde bereizten dituenak iparra galdua du; aurreiritziz eginiko murru hori desegin behar dugu".
Honez gero, ments zuten Ekialdeko hiztegia bururatzen ari da Lehu: dagoeneko 5000 sarrera baino haboro ditu, eta beti berriak biltzen ari. Inoiz argitaratzekotan, badute non egin: Paulo Matontek, Popolgorri, familiako inprimategian egiten du lan. Bera ere Aldaxkako talde eragileko partaide dugu. "Ni beti aitaitarekin identifikatu izan naiz: langilea, isila. Gure azkaziak Pagolatik jinak ziren, Agerretarrak; Bordaberri diktadorearen aitatxirekin batera etorriak". Paulok argitaratzen ditu Aldaxkako komunikazioak, afitxeak eta flyerrak.
Diego Lorenzo, Peteko, taldeko diseinatzailea da, eta euskal errorik ez izanagatik ere, Aldaxkaren dinamikak erakarririk hurbildu da euskal mundura, uruguaitar anitz bezala. Umorea eta sorkuntzaren bideak jorratzen baitituzte elkarrekin, Hizkuntza biziberrituz: Herrialdeko toponimia apokrifoa asmatua daukate. "Bromaren gibelean seriosak gara, euskaraz pentsatzen saiatzean egunerokotasunean. Euskalduna izatea gaur kontziente izatea da. Boterearen indar konzientzijale ororen gainetik". Birusaren aurkako talde klandestinoa armatu dute: EPA (Euskadi paellaren Aurka). Klasikoak orraztu dituzte, eta haien twittak tixertetan inprimatu, epelen akuilagailu.
Erlijioa ere abiatu dute "Parabisu bakarra gizakia bere osotasunean izaki, eta euskara gakoa, egungo gizaki hits hau berriz osatzeko", eta horretarako "Etsai borrokatu behar da egunero, bertsio eguneratu batean: erdarazalea eta euskararen mespretxuz jokatzen duena, paellazalea, vasco-frances, edo español, edo celta, reptiliano, anunaki… Baikortasunez beti eta etsitu gabe, euskal hitza eta umorea beti ahoan".
Europako panpa urrun hauetatik, ez ote ditugu hego-hegoaldetar hauen karkaila-azantza ozenak bezain deskonplexatuak entzuten? | news |
argia-944b28e70172 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/ez.html | Ez | Nora Barroso | 2015-01-18 00:00:00 | Ez
Egun eguzkitsua egiten du eta herriko plazan elkarren artean hitz egiten ari den lagun talde bat dago. Batzuk algaraka ari dira, beste batzuk aldiz, haien burua nola kokatu asmatzen dabiltza. Batek keinu trakets bat eginda ondokoarengana gerturatu nahi du, baina ez du lortu. Laguna bestelako kontuetan dabil eta haren arreta lortzen ez duela ikusirik lurrera begira geratu da.
Lurrera begira dagoenarengana pertsona bat gerturatu da. Besaburuan eskua jarri eta: "Zer moduz lagunekin? Zertan ari zarete?", galdetu dio. "Muxu bat emadazu laztana", gehitu du jarraian. Lurrera begira dagoenak "ez" batekin erantzun dio. Taldeko beste kideak urduritu dira. Batek bere burua bestearen egoeran islaturik ikusi du, baina isilik geratu da; halakoak berean hain dira arruntak ezen ondokoa izozturik begiratzea izan dela barneak utzi dion erantzun bakarra. Etorri berriak ahotsa altxatu eta, "aizu! emadazu muxu bat!" aginduaren ondoren "ezetz!" erantzuna jaso du. Besotik gogorrago heldu eta antsietate puntu maltzur batekin lurrera begira zegoenari muxu bat ematea lortu du. Bitartean, besoen artean dagoena gorputz guztia astinduz askatu nahian dabil. Azkenean lortu du eta negarrez aldendu da.
– Zer pentsatzen duzue egoera horren inguruan?
Hasierako hitzei azalpen txiki bat gehituko diot: plazan bildutako lagun koadrila 3-5 urteko haurrak dira. Muxu eske gerturatu zaiona izeba-osaba, aitona-amona edo familiako lagun bat da.
– Eta orain, nola kokatzen ditugu gure buruak?
Gure herriko karriketan eta etxeetan sarri ematen dira horrelako egoerak. Familia inguruko norbait inguratu eta muxu eske baino baimenik gabe haurrari muxua lapurtzera joaten da. Umeak, askotan, ez du muxu hori eman nahi, baina gehienetan, bere borondatearen kontra jasotzen du. Besoetan hartzen duena handiagoa da, indar gehiago du. Helduek beste begirune batekin ikusten dituzte haren desioak, beste maila batean egongo balira bezala, eta ezetza egon arren, horra doaz beso handi eta ezpain hezeak. Batzuetan "ez" esaten ausartzen da haurra, inguruko kexa eta azalpenen artean: "Barka iezaiozu, gaur egun okerra dauka". Kasu batzuetan haurra urduri dago eta lotsaz edo etsipenez ez du ezer esaten.
Gordinki, nik indar eta botere gehiago duten pertsona batzuen nahiaren asetzea ikusten dut, maitasunarekin edo afektuarekin zer ikusi gutxi duen ekintza bat. Hori bai, handitan muxuen eta bestelakoen aurrean "ez" hitza errespetatzea nahiko dugu. | news |
argia-9d9988e753b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/bukatu-dira-bromak-europan.html | Bukatu dira bromak Europan | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-01-18 00:00:00 | Bukatu dira bromak Europan
Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren erreakzioek begi bistan jarri dituzte Europan une honetan nagusitzen ari diren joera politikoak. Bi mutur, eskuinekoa bata eta islamista bestea, aurkezten zaizkigu arrisku nagusitzat. Eta "segurtasunaren" mesedetan eskubideak kentzea proposatzen dute agintariek: horiek dira indarkeria egoerak gaina hartu duenean protagonista altxa diren aukerak. Ezkerrak ba ote du ezer esateko?
Aurpegia estalita duten bi pertsona kalaxnikovak hartuta aldizkari baten erredakzioan sartu eta tiroka hasten direnean ez dago pentsatzeko tarterik. Elkarrizketak, desadostasunak eta eztabaidak ere hor bukatzen dira. Charlie Hebdo aldizkari satiriko frantziarrak urtarrilaren 7an jasan zuen atentatua bezalakoek suspenditu egiten dute hizketarako tartea, bestelako urgentziak inposatuz.
Bizia salbatu. Gorpuak kontatu. Negar egin. Dolua. Hildakoekin elkartasuna. Polizia operazioa. Eta zer gehiago?
Badirudi horrelako ekintzek erreakzio bat probokatu nahi dutela, polarizazio soziala areagotu, gurutzada giroa hauspotu. Nirekin ala nire kontra.
Peru Iparragirrek Paristik kontatu du atentatuaren ondoren egoitzaren inguruan zegoen giroa, Berria k argitaratutako kronikan: "Apur bat aurrerago jende multzo bat pilatu da ozen hizketan ari den Front National alderdikoa ei den gazte baten inguruan, segituan entzun dira erantzunak eta oihuak. Kasik ezinezkoa da zer dioen entzutea. Kanpoaldean ezetz egiten du buruarekin jendeak, eta kaleko jantzitako polizia batek egoeraren berri ematen du telefonotik. Tentsioa goraka doa, eskuin muturreko hizlaria polizia artean desagertu den arte".
Zibilizazioen arteko gerraren jokoa
Elkarren etsai, elkarren ispilu: ultra batzuek ekintza azkarrez dena dardarka jartzen dute eta beste ultra batzuk agertzen dira, abiada berean, zibilizazioen arteko gerra predikatzera.
Denbora azeleratu egin da eta mezu sinpleenek errazago dute bidea. Hilketa baten aurrean gaudenez, mendeku premia aldarrikatu gura duenak haizea alde du. Marine Le Penek, heriotza zigorrari buruzko erreferendum bat proposatuz, momentua probestu du.
Suabeagoa da establishmentaren erreakzioa lehen konpasetan. Itxuraz. Iganderako "terrorismoaren kontrako" goi bilera antolatu baitute. "Europak erreakzionatu behar du", dio Jean Claude Juncker Europako Batzordeko buruak deialdia publiko egiten den egunean. "Erantzun", "erreakzionatu", "urgentzia" eta antzeko hitzak baino ez dituzu aurkituko nagusitzen den eremu semantikoan.
Gauzak ez dira gehiegi aldatu 2001eko irailaren 11ko atentatuetatik, behin baino gehiagotan errepikatzen den eskema da: shock egoera sortzen duen ekintza eta salbuespenezko neurri azkarrak, agintarien artean behar bezala adostuta eta koordinatuta.
Hilketa deitoragarri baten aurka sistemak daukan proposamen bakarra gehiago kontrolatzea eta gehiago zigortzea baita; bestela esateko, guztioi askatasunak kentzea, askatasunaren izenean. "Hori ala Front National. Hori ala terrorismo islamista", da kontsigna.
Falta den ahotsa
Diskurtsoen marko horretan ahots bat faltan sumatzen da. Atentatua gertatu ostean zer esan du ezkerrak? Dolua adierazi da, noski. Baita erasoa gaitzetsi ere. Eta gertakaria testuinguru globalean kokatzen saiatu dira batzuk, Iraken, Sirian, Afganistanen edo Mendebaldeko herrialdeek armak sartzen dituzten lekuetan egunero hiltzen den jendea gogora ekarriz.
Parisko atentatua arbuiatzearekin batera munduko beste leku askotan probokatzen dituzten biktimei entzungor egiten dietenen hipokresia agerian jartzeko baino ez bada ere, horrelako konparazioak beharrezkoak dira. Baina atentatu baten ondorioen beroan, hil berri direnekin enpatiarik eza adieraz dezake jarrera horrek, besteak beste. "Hemen eta orain gertatu den zerbaiti buruz ari gara, zergatik desbideratzen duzu gaia?", galdetuko dizu urduritzen hasi den lagunak. Ez da eraginkorra.
Eta eraginkortasun falta berbera, handiagoa agian, erakusten du progresismo multikulturalistan kokatzen den argudiatzeko erak, hau da, problemari giza eskubideetatik eta erlijio guztien errespetagarritasunetik begiratzeak. Gatazkak koska bat gora egin duenean, hildakoak menuaren parte direnean, tokitan geratu dira tolerantzia eta errespetua. Sortu den herra bera da bideratu behar dena eta horretarako "onar dezagun elkar" esatea ez da nahikoa.
Ze mezuk funtziona dezake ordea? Honelako egoeretan ikusten da inoiz baino argiago bestelako mundua posible dela diotenen inpotentzia. Software egokia falta da muturreko islamismoaren, eskuin mutur berriaren eta "betiko" alderdien kontrol eta zigor diskurtsoei aurre egiteko. Eta ez dirudi berehalakoan etorriko denik.
Beharbada fronteetatik ateratzea da kontua. Diskurtso handi baten zain egon beharrean, atzeragoardian zer gertatzen den begiratzea, handik etorriko baitziren Charlie Hebdo sarraskitu dutenen gorrotoetako asko. Han ari da egosten mendeku gosean oinarritutako islamofobia ere.
Mundu hobea nola aldarrikatu, beraz, gorroto garaietan? Elkar suntsitzen edo eskubideak galtzen baino, denontzako eskubide gehiagoren alde borrokatzen. Haserrea zerbait eraikitzeko bideratzen. Erraz esaten da. Bide hori urratzeko hondeatzaile handirik ez dugunez, proposatzen zaigun gerra berri handiari aitzurka oztopatu beharko diogu bidea. | news |
argia-910541241f22 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/ahal-dugu.html | Ahal dugu? | June Fern�ndez | 2015-01-18 00:00:00 | Ahal dugu?
Gipuzkoako Podemos-Ahal dugu elkarte politiko berriaren buru izateko hamabi hautagai zeuden: hamabiak gizonezkoak. Gipuzkoakoa ez da salbuespena izan. Alegia, Espainiako Estatuko hamar hiri nagusienetatik bitan bakarrik emakumezkoak izan dira Podemoseko buru izateko hautatuak. Paritate neurriek kritika bortitzak eta isekak jaso dituzte. Emakume askok diote ez dutela kuota huts izan nahi, baina sexismoak aukera berdintasuna oztopatzen duen neurrian, meritokrazia ez da bidezkoa, ezta egiazkoa ere. Ala pentsa behar dugu Podemosen ez dagoela lidergorako gaitasuna daukan emakumezko kide esanguratsurik?
Berdintasun legeak garatu ziren arte, gizonak ziren erakunde politikoetako jaun eta jabe (80ko hamarkadan, Eusko Legebiltzarreko %80 baino gehiago). Desoreka historikoak zuzentzeko neurri positiboak (esaterako, kremailera zerrendak) ezinbestekoak dira, baina ez dira nahiko. Errotik hasi behar dugu, zergatiak sakonki aztertu eta analisi horretatik abiatuta neurriak hartu. EUDELek, esaterako, emakumeen gizarteratzean lidergo eta protagonismo jarrerak gizonen kasuan bezainbeste sustatu zen eta saritzen ez direla ikusita, 2012an Virginia Woolf Basqueskola ireki zuen; jendaurrean hitz egiteko tailerrez edota coaching saioez osatutako jabekuntza ekimena.
Baina beste traba latz batek kezkatzen nau: gizon politikariek boterearekiko daukaten atxikimendua. Paritatearen ondorioa jakin badakite: bi gizon zeuden lekuan, emakume bat sartzeko bietako batek postua utzi beharko du. Emakumeen lehiakortasuna ekiditeko gizonak euren arteko korporatibismoz eta eguneroko jarrera matxistez baliatzen dira. Halaber, egun ere leialtasun, aliantza eta erabaki politiko asko esparru ez formal maskulinoetan sukaldatzen dira: poteoan, futbol partidan... Hala saiatzen dira emakumezkoak politikan arrotzak diren sentipena mantentzen.
Pasa den abenduan Caracasen egon nintzen, Venezuelako Kultura Ministeriok antolatutako nazioarteko topaketa batetan, hain zuzen ere Feminismoa, generoa eta boterea izeneko mahai-inguru batean hitz egiteko gonbitarekin. " Chávez no murió, se multiplicó " bezalako leloen uneoroko presentziak "betiereko komandantea"ren (hala deitzen diote) itzalaren pisua adierazten zuen. Chávezek 2011n "iraultza sozialistak feminista izan behar du" esan zuen. Horrek eragin sinboliko izugarria izan zuen iritzi publikoak feminismoarekiko zuen jarreran. Baina, hala ere, jardunaldi horietan gizonak izan ziren protagonistak, giza eskubideak edo kezka ekologistak edozein mahai-ingurutan aipatzen ziren, eta aldiz, emakumeen eskubideen aldeko hitzak ekimen feministetara baino ez ziren mugatu. Hau da, zeharkako apustu feminista ez zen inondik inora ageri.
Chávez baino lehenago Zapaterok ere feminismoa aldarrikatu zuen, eta orain dela gutxi Podemoseko Juan Carlos Monederok ere bere burua feminista izendatu du (Madrilgo feministei galdetu zer iruditzen zaien Monedero). Esanguratsua da lider politiko batek feminismoarekiko atxikimendua adieraztea. Baina gizon ezkertiar askok ikur feministak astintzen dituzte euren pribilegio eta botere patriarkalera tinko oratuak dirauten bitartean. Apustu sinbolikoa onuragarria da neurri koherenteen bidez gauzatzen bada, bestela keinu hipokrita hutsa da.
Tamalez, Podemos bezalako ezkerreko elkarte politikoetan patriarkatuaren osasun onarekin topo egiten dudanean, 15-M mugimenduaren leloa –PP eta PSOEri zuzendutakoa– samintasunez gogoratzen dut: "Ez, ez, ez naute ordezkatzen". | news |
argia-7a4a1a400e4d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/euskara-eta-boterea.html | Euskara eta boterea | Ainhoa Larra�aga | 2015-01-18 00:00:00 | Euskara eta boterea
Max Weberren arabera boterea da, norbaiti zerbait inposatzeko probabilitatea, baita bere borondatearen aurka bada ere. Botereak askatu egin dezake baina baita zapaldu ere. Hizkuntza baten erabilera boterearekin zuzenki eta estuki lotua dago. Botereak egiten du hizkuntza bat hegemonikoa edo minorizatua. Beraz, ezinbestean lotu behar dugu euskararen egoera botere (eza)rekin.
Hona hemen Pako Aristik bere azken liburuan dioena, beste hamaika egiarekin batera "Euskararen egoera ez da hobetuko Euskal Herriak independentzia lortu arte. Bere erabilerak ez du gora egingo. Ez da sortuko bere aldeko uholde ilusionagarririk. Aurrekontuak ez dira ugarituko, besteak beste hizkuntza gutxitu batek, automatikoki, helburu estrategikoa izateari uzten diolako". Herri baten identitatea eraiki edo deseraikitzeko botereak daukan armarik ahaltsuena hizkuntza da.
Mezu nahasgarri gehiegi jasotzen ditugu egunero euskararen balizko normalizazioaren inguruan; mezuok, inor ez iraintzeko eta ahalik eta jende gehien euskararen unibertsora erakartzeko helburuz egiten omen dira. Menpekotasun egoera areagotzeko baino balio izan duten mezu horiek, gehienon ipar galtzea eragin dute, nire irudikoz. Aristik liburuan oso ongi definitzen dituen bi termino –"amnesia" eta "naturaltasuna"– baliagarri zaizkigu egungo egoera nahasia ulertzeko. Ahaztu egin zaigu, euskararen desagertze bidea, urte luzeetako dominazio eta jazarpenaren ondorio izan dela. Deshistorizazio honek memoria historikoaren galera eragin du, egungo egoerara faktore naturalen eraginez iritsi garela sinetsaraziz.
Seduzitu egin behar omen dugu jendea euskarara etor dadin, erakargarri bihurtu behar dugu euskara eta euskara ikasten ez dutenei sinestarazi behar diegu altxor bat galtzen dutela. Hizkuntzen elkarbizitzaz hitz egiten ere, sarri entzuten ditugu hamaika "euskal" eragile eta politikari. Nola izan liteke hizkuntzen elkarbizitza orekatua, bata hegemonikoa denean eta bestearen suntsiketa besterik ez duenean nahi? Bi estatu inperialistek burututako kolonizazio prozesu luzearen emaitza da hau guzti hau. Hori ulertzea ezinbestekoa da, ustezko garai politiko berriotan, bolo-bolo dabilen bestearekiko abegikortasunaren tramaz eta dramaz jabetu eta aurre egin ahal izateko. | news |
argia-c91498f5c0e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/agatha-christieren-kaligrafia-irakurtezina.html | Agatha Christieren kaligrafia irakurtezina | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-01-18 00:00:00 | Agatha Christieren kaligrafia irakurtezina
Agatha Christie (1890-1976) oso idazle emankorra izan zen: 66 misterio eta hilketa nobela argitaratu zituen. Baina idazle ingelesak eskuz idazteko zailtasun handiak zituen, disgrafia izeneko koordinazio arazoa medio. Haren eskuizkribuak irakurtezinak ziren. Krimenaren erreginak laguntzaile bat izan zuen beti alboan, eta hari diktatu zizkion argitaratutako lanak.
2004an idazlearen alaba Rosalind Hicks hil zenean, Christiek eskuz idatzitako hainbat koaderno aurkitu zituzten familiaren etxean. John Curran artxibozaina idazlearen zirrimarrak dezifratzen hasi zen orduan eta, besteak beste, Hercule Poiroten bi istorio berri aurkitu zituen. | news |
argia-1ec568430f8b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/zimelkor.html | Zimelkor | Jakoba Errekondo | 2015-01-18 00:00:00 | Zimelkor
Landare batzuek ohitura berezia dute: zimelkorrak dira, martzeszenteak. Hostoak zimeltzen dira, baina ez dira erortzen eta hurrengo udaberria iritsi artean bertan zintzilik irauten dute. Izerdi berriak begiak puzten dituenean txortenaren heldulekua hautsiko da, eta erori. Ametza ( Quercus pyrenaica ) eta erkametza ( Quercus faginea ) dira zimelkor ezagunenak. Xarma ( Carpinus betulus ), gaztainondo ( Castanea sativa ) eta pago ( Fagus sylvatica ) batzuek ere joera hori erakusten dute. Ederki jantzita igarotzen dute negua zuhaitzok. Argazkikoa Zeraingo Ostatuko pago hesia da, oraintxe dotore. | news |
argia-c654dc89c1b0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/edertasuna-bai.html | Edertasuna bai | Jakoba Errekondo | 2015-01-18 00:00:00 | Edertasuna bai
Esan zaion zerbaiti entzuleak ameto ematen diola edo egokia dela iruditzen zaionean bai beharrean beleza , hau da, "edertasuna" erantzuten duen herrian ibili naiz. Telefonoak medio gure artean nagusitu den "ok" motzaren aldean ederra. Edertasuna, alajaina. Baietzaren edertasuna, ahoa neurri, ahoz aho, bolo-bolo guztien aho mihietan darabilen herria, bai. Ez da harritzekoa, tximeleta urdin-urdin eta berde bizi eta txori gorri artean bizi dira. Beleza .
Natura ederra da han, gure amonak "eder" hitzari ematen dizkion zentzu guztietan: ikusgarria eta handia, polita eta galanta. Paisaia ikaragarriak bizitzen dituzte. Baso gehienak oihanak dira, landugabeak, "primarioak" deitzen direnak: eraitsi eta landatu gabeak, alegia. Landare erraldoiak nonahi, batez ere zuhaitzak.
Fruituak soilik hartuta, ilargialdi eta erdian ezagutu ditudanen formak eta dastak memorian txertatzeko bizitza oso bat beharko litzateke, izenak gogoan ditut, ordea: palmondoetako koko, patoa, buruti, açai, abacaba, tucuma eta pupunha, eta naja, pitomba, inga de macaco, jarina, jenipapo, tapereba, mamao edo papaia, castanha do Para, cajú eta castanha do cajú, amendoim, banana cumprida, inanjá, mucajá, jupati, patowa, paxiúba, morototo, abacaxi, manga, acerola, goiaba, maracujá, cupuaçu, graviola, ameixa, cambucá, figo, guarana, limao, marmelo, pitanga, abacate, amendoa, caqui, framboesa, murici, jabuticaba, maça, melancia, roma, amora, fruta do conde, melao, sapoti, abiu, araça, cereja, kiwi, morango, tamarindo, banana, laranja, mangaba, pera, tangerina, damasco, grunixama, lima, pessego, uva, jaca, murupi, carambola, quiabo, maxixe, chuchu, kino, eta abar...
Haserrea bai, hango lurra. Oparotasuna eta aberastasuna. Alexander von Humboldt naturazale prusiarrak esan zuen bai, XIX. mendearen hasieran: "Amazonas humanitate berri baten sorlekua izango da". Beleza , Brasil. Bai. | news |
argia-0e0d0e41ddc0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/kitosanoa-jakiak-estaltzeko-material-alternatiboa.html | Kitosanoa, jakiak estaltzeko material alternatiboa | Unai Brea | 2015-01-18 00:00:00 | Kitosanoa, jakiak estaltzeko material alternatiboa
Jakiak biltzeko erabiltzen diren plastikozko ontzi eta estalkiak ingurumen-arazo larria dira. Gainezka ditugu ibaiak eta itsasoak, eta arrain askorengan ere erruz aurki ditzakegu halako materialak. Petroliotik eratorritako plastikoek 100 eta 400 urte bitarteko epea behar dute guztiz degradatzeko; eta nonahi daude, gure bizimoduaren funtsezko osagai bilakatu dira eta.
Alternatiba bilatzeko ikerketa ugari egiten da, horien artean Itsaso Leceta EHUko ingeniari kimikoak zuzendutakoa. Lecetak eta beraren lantaldeak kitosano izeneko materialarekin proba-saioak egin dituzte. Ikusi dutenez, harekin estalitako elikagaiek –ikerketarako azenarioak erabili dituzte, zehazki– luzeago gordetzen dituzte beren propietateak. Izan ere, kitosanoak mikrobioez babesten ditu. Eta biodegradagarria da, krustazeo azalez eginda baitago.
Bide luzea dago egiteko, halere. Laborategiko probetan emaitza onak lortu dira, baina Lecetak gogorarazi du kitosanoaren ekoizpen masiboa urruneko helburua dela oraingoz. | news |
argia-9ebcb2dfd949 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/ospitaleetan-euskara-bultzatzeko-hitzarmena.html | Ospitaleetan euskara bultzatzeko hitzarmena | Onintza Irureta Azkune | 2015-01-18 00:00:00 | Ospitaleetan euskara bultzatzeko hitzarmena
Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kostaldeko Ospitaleek egin dute hitzarmena, hiru urterako balioko duena. EEPk lehenengo urtean 3.000 euroko diru-laguntza eskainiko die, bigarrengoan 2.000 eurokoa, eta hirugarrengoan 1.000 eurokoa. Ospitaleetan, besteak beste Baionakoan eta Donibane Lohizunekoan, euskara sustatu nahi dute. Hitzarmena sinatu dutenen ustez, integrazioa eta konfiantza lortzeko bektore garrantzitsu izan daiteke hizkuntza.
Ahozkoan eta idatzizkoan, bietan hartuko dituzte neurriak. Idatzizkoari dagokionez, seinaleak euskaraz jarriko dituzte, webgunea euskaratuko dute eta prebentzio kanpainak euskaraz ere egingo dituzte.
Ahozkoari dagokionez, euskaraz (asko edo gutxi) dakiten langileekin egingo dute lan. Haiei baliabideak emango zaizkie euskara erabil dezaten, eta besteak beste prestakuntza eskainiko zaie. Hitzarmena EEPren eta Euskal Kostaldeko Ospitaleen artean sinatu bada ere, Ospitalean Euskaraz langileen boluntario taldea izan da bultzatzaile. Ospitaletan, euskaraz aritzeko gai diren langileak identifikatuko dituzte, eta nahi izanez gero, euskaraz dakitela adierazten duten txartelak erabili ahal izango dituzte. Batek "Euskaraz mintza gaitezke" leloa izango du eta besteak "Euskara ikasten ari naiz".
Michel Glanes Euskal Kostaldeko Ospitaleetako zuzendariaren ustez, hizkuntzaren erabilera terapeutikoa egokia da: "Momentu batzuetan edozein motibaziori heldu behar zaio sendatu edo bizi ahal izateko, eta horretarako ona izan daiteke". | news |
argia-d81087ef4fe3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/alternatiba-bakarra.html | Alternatiba bakarra | Edu Zelaieta Anta | 2015-01-18 00:00:00 | Alternatiba bakarra
PSE-EE alternatiba bakarra dela aldarrikatu berri du Idoia Mendiak eta, hurrengo hauteskundeen atarian, gainerako alderdi guztiak ez direla baleko aukera gaineratu. Hain da zaharra eta zaharkitua estrategia, ezen narda egiteraino errepikatu den leloa aditu hutsak nekatu egiten baitu. Eta harritu, oraindik ere, hura –urrikalmendurik gabe– erabiltzeak: lehengo lepotik burua alderdien politikagintzan.
Saltzaile bakoitzak du salgai onena, egiatan balio duen bakarra. Ez erosi beste inori, hau bezalakorik ez duzu inon topatuko. Ni naiz bilatzen duzun hori. Zuk baino hobeki dakit zer nahi duzun, zer komeni zaizun. Hauxe da-eta behar duzuna. Erosi: ez zara damutuko; eta damutuko bazina, dirua itzuliko genizuke. Ez izan dudarik. Hurrengo merkatura arte. Hurrengo merkealdira arte.
Idoia Mendiari entzunak genizkion hitz handiosak sistemaren berritzeaz: "Gaurko alderdiak geroko ere izanen badira, erro-errotik aldatu behar dira egiturak, pentsamoldeak, politika gauzatzeko moduak". Urte berrian sartu gara, baina bizirik dirau batzuen gogo-mingain herdoilduak. | news |
argia-57f9c2892f1c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/grezian-jokoan-dira-politika-neoliberala-eta-demokrazia-bera.html | Grezian jokoan dira politika neoliberala eta demokrazia bera | Pello Zubiria Kamino | 2015-01-18 00:00:00 | Grezian jokoan dira politika neoliberala eta demokrazia bera
"Greziak ezin dio xantaiarik egin ez Alemaniari eta ez Europari" esan dute Angela Merkelen alderditik, eta askok ulertu zuten justu kontrakoa ari zela gertatzen, hots, Europak mehatxu egiten diola Greziako hautesleriari. 2015ean Europa osoa astinduko duen partida gogor baten lehen kapitulu garrantzitsua jokatzen da Grezian.
Antonis Samarasek ahaleginak eta bi egin ditu aginteari eutsiz Greziak jarrai zezan Troikaren aginduak betetzen. Abenduaren 29an galdu zuen azken bozketaren aurretik diputatuak erosten ere saiatu zen, greziar guztiek ikusi dute, ustelkeria delituak pertsegitu behar dituzten epaileek ezik. Alferrik.
Samarasen eta oro har Grezian Europako establishmentaren planak aurrera ateratzen aritu den eskuinaren arazoa da herrialde horretan haragi bilakatu direla ekonomialari burutsu askok aspalditik iragartzen zituzten hondamendiak: 2008an lehertutako krisitzarrari erantzuten baldin bazaio 1929an erabilitako errezeta berdinekin, 1930eko hamarkadako ondorio tristeen berdinak ekarri behar zituztela.
2015ean, Grezia odolusturik dago ia bost urtetan bere ekonomia eta gizarte bizitza osoa mutilatu eta txirtxilatu dituzten delako Memorandumei esker. Europako Banku Zentralak, Europar Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen duten Troika famatuak ezarritako politikek errekara eraman dute Grezia.
Troikak egindako sarraskia azaltzen dute hainbat datu estatistikok. Populazioaren %17k ezin ditu oinarrizko beharrak ase. Langabezia %27an dago. 250.000 familiaz goiti kanporatu dituzte beren etxeetatik. Herrialdearen defizita lau urtez okerragotu da 2010eko %11,1tik 2014ko %12,2ra; kanpo zorra igo da %146tik %175ra. Barne Produktu Gordina erori da %20.
Osasun sistema eraitsi, gaixoei gehiago ordainarazi, malaria bezala desagertutzat zeuden eritasunak ugaritzen, hiesagatiko heriotzak bezala, suizidio tasak handitzen, argindarrik gabe bizi direnen kopuruak ere bai, gaixo diren milaka haur... Numero hotzak diren estatistikok milaka herritarren milaka drama zehatzetan mamitzen dira, horietako askoren kontakizuna ere erraz eskuratu dezake nahi duenak.
Panagiotis Grigoriou antropologoak Greek Crisis blogean ederki laburbildu duenez, Samarasen arazoa dagoenekoz ez da orain arteko logikan ezkerrari botoa emango dion hautesleria, baizik eta zehazkiago soziologiaz eskuinean kokatutakoa. Ezker-eskuin eten horiek ez dira iraganean bezain garrantzitsuak, krisiak kaltetutako jende ugarien artean klase ertainekoek ere ikusi dute katastrofea nahitara antolatu eta planifikatu dutela, eta epe laburrean ezingo zaiola buelta eman.
"Troikaren programak –dio Grigoriouk– larriki zauritu ditu enpresa libre txiki eta ertainak, etxe eta lurraren jabegoa –erdiko klaseak gizartean igotzeko dauzkan mugikortasun estrategien bizkarrezurra–, soldatak, jubilazioak eta, azkenean, baita funtzionarioak ere, orain arte Demokrazia Berriaren eta PASOKen bipartidismo historikotik oso hurbil zirenak. Azpimarratu behar da ustelkeria, nepotismoa eta klientelismoa sustatu dituztela Troikaren memorandumaren aldekoek, neoliberalismo erasokorrez beztiturik, baina oraingoan xehetasun txiki batekin, Atenasen entzuten den moduan: 'Denentzako ez dago orain'. Oso gutxi eta ondo kokatuentzak bakarrik dira Memorandumaren mesedeak".
Troikaren errezetentzako testa
Europar Batasuna Alemaniaren agintaritza zorrotzaren pean XXI. mendeko krisi itzelaren aurrean ezartzen ari den irteera neoliberalak gero eta kritiko gehiago dauzka 2015ean. Nazioarteko Diru Funtseko agintariek ere aitortu dute huts egin dutela pribatizazio eta murrizketetan oinarritutako bere formulek... nahiz eta gero MDFeko inork ez duen ordain gisa dimisiorik eman.
Ez da ezkerra bakarrik Greziako eta oro har Europako formulon egokitasun teorikoa auzitan jartzen duena, sisteman ondo txertatutako erakunde eta aditu asko dira kritiko Berlinek ezarritako dotrinarekiko. Baina Troikaren atzean dagoen Europako establishmenta ez dute hainbeste kezkatzen adituen kritika teorikoek, herrialde ezberdinetan indartzen ari diren kontrako mugimenduek baino. Horregatik ulertu du zenbaitek Berlindik eta Bruselatik zabaldutako mehatxuek Greziari presio egitea adina bilatzen zutela Espainian, Frantzian, Italian eta baita Irlandan ere politika ekonomikoaren aldaketaren mezuarekin indartsu datozen talde ezkertiarren muturretan hesia jasotzea.
Hauteskundez beteta heldu da 2015a. Hego Euskal Herrian udal eta foru erakundeetakoei eta izatekotan Kataluniakoei bezala Espainiakoei begira bizi ginenok bat batean Grezia ikusi dugu astintzen europar guztien agenda. Ondoren etorriko dira gehiago kontinente osoan. Eta denetan, suziri baten ziztuan igo den Podemosen eraginak erakutsi duenez, krisiaren aurreko estrategiak eta hauek herritarren gain murrizketa basatiekin ekarri dituzten ezin biziak protagonismo handia izanen dute.
Grezian austeritatearen kontrako predikuak darabiltzaten indarrei kontrako sua piztu diete Bruselastik. Ez dagoela alternatibarik, zorrak pagatzeko direla, utikan egindako zorren auditoriarik, eta Merkelen errezeta ortodoxoei uko egitera ausartzen dena eurotik kanpo joango dela, zeina esatea bezala baita Europatik fueratuko dutela.
Mehatxuokin ez badute lortzen Syrizari garaipena eragoztea, aditu batzuek aurreratu dute –ez zegoen aztia izan beharrik– agintea klase guztietako oztopoz trabatuko diotela. Soilik NDFak egin duen bezala kredituak etetearekin, Greziak ez du asko gehiago behar egun batetik bestera erabat kolapsatzeko.
Hala ere, gero eta gehiago dira Greziarekin –Syrizarekin, alegia– zorraren parte baten barkamena negoziatu beharko dela uste dutenak. Horretarako urrats inportanteena emana daukate, egia esan, lehen korporazio handienak ziren zorrak orain estatuek eta Europak bere gain hartu dituztelako. Diru publikoekin errazago negoziatzen da.
Pablo Elorduyk Diagonalen idatzi duen moduan, " La disputa por la europa social empieza en Grecia ". Europako eliteek beren nagusitasunari tinko eutsi nahian Grezian demokrazia bera jarri dutela arriskuan salatu dute Frantziako hainbat intelektualek plazaratu duten " Grèce: Rendons-leur la démocratie! (Troïka basta ! )" agirian: "Europar Batasuna, europar agintariak, Nazioarteko Diru Funtsa, burtsako kalifikazioko agentziak: laga zuen xantaia, bukatu Greziako hauteskunde kanpainan muturra sartzea! Utzi herriari erabakitzen!".
Panagiotis Grigoriou ez da baikor Grezian eraso horri aurre egiteko ahalmenaz: "Beldurra bilakatu da Europako agintariek daukaten azkenetako arma, hauteskundeen emaitzak faltsutzea den azken-azkenaren aurretik". | news |
argia-1bebf5f3c836 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/josep-ruaix.html | "Gazteek eta etorkinek bizkarra ematen badigute jai daukagu" | Jordi Badia | 2015-01-18 00:00:00 | "Gazteek eta etorkinek bizkarra ematen badigute jai daukagu"
Josep Ruaix (Moià, Bartzelona, 1940) gramatikaria eta apaiza da. Katalan duina nahi du. Horretarako helburua argi dauka: ahalik eta hiztun gehien lortu eta ahalik eta ondoen hitz egin. Ez du ordea, hiztunek hizkuntzarekiko duten zuzentasun eta jatortasun gabeziak aztoratzen. Elkarrizketa Vilaweb agerkarian egin diote eta pasarte batzuk ekarri ditugu hona.
Katalanaren egoerak asko kezkatzen al zaitu?
Bai, oso kezkatuta nago, baina era berean itxaropen handia daukat. Fabrak [Pompeu Fabrak katalanaren gaur egungo araudia ezarri zuen] esaten zuenari jarraitzen diot: "Inoiz ez dira alboratu behar etxeko lanak eta itxaropena". Jende asko ari gara hizkuntzaren alde borrokan eta borrokak emaitzak ematen ditu. Bestalde, beste jatorri batzuetako jendeak bereganatu du hizkuntza eta ezin dute guk 40ko, 50eko, 60ko edo 70eko hamarkadetan menperatzen genuen moduan moldatu katalanez. Nolabaiteko bidesaria ordaindu behar dugu: katalan hiztun gehiago izateko maila jaitsi behar da pixka bat.
Zer esan nahi duzu?
Italian bizi izan nintzen, eta italieraz hitz egiten nuen, baina ez italiarrek bezala. Haiek oso pozik zeuden italieraz egiten nuelako, baina ezin nuen hitz egin haiek bezain ondo. Hemen gauza bera gertatzen da. Jatorri askotako jendea daukagu (Txina, Latinoamerika, Ukraina, Errusia…). Ez dute guk bezala ikasiko katalana. Gabezia objektibo batzuk onartu beharko ditugu. Katalunian jaio ez diren milioi bat katalan hiztun gehiago nahi baditugu, onartu beharko dugu hizkuntza maila apalagoa izango dutela, ez dira arituko edoski izan balute bezala, ez daukate benetakotasun berdina. Ez naiz ezkorra, jende asko lanean ari delako. Borrokan jarraitu behar da, eta itxaron behar dugu jende horrek hizkuntza bereganatuko duela, maitatuko duela eta hobetuko. Ni alde guztietatik katalana naiz, baina Ruaixtarrak Okzitaniatik iritsi zirela dirudi, ziurrenik XVI. mendean, eta moldatu ziren. Orain gauza bera gertatuko dela itxaron behar dugu: etorri direnak moldatzen joan daitezela, katalan hiztun senti daitezela, hizkuntza defenda dezatela eta ahalik eta ondoen hitz egiten saia daitezela.
Hedabideek zein egiteko dute?
Errespetu handia diet hedabideei hainbat arrazoi tarteko. Hasteko, oso azkar egin behar izaten dute lan. Egunkarietan akatsak ikusten ditudanean ulertzen dut. Bigarrenik, hedabideak gizartearen isla dira. Hitz egiten den katalanak gabezia asko baditu, hedabideetan ari direnei ezin diegu oso diferente jokatzeko eskatu, haiek ere gizartearen parte dira. Ez dute mailarik hoberena, baina ezin dugu askoz gehiago eskatu. Kazetariei –gauza asko jakin behar dituzte eta batik bat egunerokoari buruz– ezin diegu eskatu hizkuntzaren kalitatea ere zaintzea. Ezin dugu haltzara jo fruitu bila.
Zirujauari eskatzen diogu bisturia erabiltzen jakiteko. Ez al zaie maila bera eskatu behar lanbidean hizkuntza darabiltenei?
Ederra litzateke hedabideetan lan egiten dutenek hobeto hitz egingo eta idatziko balute. Baina kazetaritza ikasi dute, ez hizkuntzalaritza. Ezin diegu eskatu filologiako irakasle batek bezala idaztea.
Eta irakasleek zein eginkizun dute?
Hizkuntza irakasleak eta ikasgairen bat irakasten dutenak desberdindu behar dira. Hizkuntza irakasleek euren buruei gehiago eskatu beharko liekete, baina hainbeste ikasgai ikasi behar izan dituzte… Hizkuntzaz gain gauza interesgarri asko daude eta denak ez dira hizkuntzalariak. Etorkizunean, hobera egingo duten eta okerrera egingo duten gauzak ikusiko ditugu. Baina Fabra zen bezala, baikorra izan nahi dut.
Hain pragmatikoak bagara eta erreferenteak galtzen baditugu, bigarren eta hirugarren belaunaldiek ez al dute kalterik jasango?
Hedabideek belaunaldi berriekin bat egitea lortu behar dugu. Hizkuntza esoterikoegia, zailegia, goi mailakoegia egiten badugu ez dira identifikatuta sentituko. Forma jatorrago eta zuzenagoetara ohitu behar ditugu, baina bitartean ez daitezela deseroso sentitu. Eskatzen joango dira, galduta zeuden formak berreskuratzen joango dira. Hebrearrek hala egin zuten. Diasporan zeuden, haien herrialdera itzultzeko aukera izan zuten eta hebreera berreskuratu dute. Ez da zehazki gauza bera, baina badago antzekotasunik. Bataila bat galtzeko prest egon behar dugu, gerra irabazi nahi badugu. Gazteek eta etorkinek bizkarra ematen badigute jai daukagu. Trebeak izan behar dugu. Pragmatikoak.
Hedabideetan, bikoiztutako elkarrizketetan honelako adierazpideak entzuten ditugu: " cómo mola ", " tío, qué haces ", " qué chulo ". Gure gazte hizkerarik ezin al dugu eduki?
Berriz diot. Iaioak izan behar dugu. Jakin behar dugu zenbateraino inposatu edo proposatu ditzakegun forma jatorrak. Asma ditzakegu, baina erabiltzaileek onartzeko prest egon behar dute. Luzera ehun irabazteko orain hogei galdu behar ditugu. Aurrera begira, beraiek berreskuratu ahalko dituzte forma jatorragoak edo berriak asmatuko dituzte. Soziolinguistaren batek esaten zuen: hizkuntzak ez-puruak dira. Katalana gaizki hitz egindako eta gaizki idatzitako latinetik dator. VIII. eta IX. mendeetan, latina zekitenak ikaratu egingo ziren haien garaikoen hanka-sartzeekin. Eta gu orain pozik gaude, hizkuntza eredugarria da. Nolabaiteko narriadura hizkuntzari datxekion kontua da. Hizkuntzak ez dira betiko, galkorrak dira, gu bezala.
Ez dadila hil…
Luzera hil egingo da, gauza guztiak bezala. 200 edo 300 urte barru… Apaizak bezala hasi naiz hitz egiten…
Orain kemenez gabiltza ala erortzen ari gara?
Principat-en, hiztun kopuruari dagokionez, irabazten ari gara, baina kalitateari dagokionez, galeran gara. Beste eremu periferikoei dagokionez, nahiko kezkagarria da, indar batzuek hizkuntza murriztea nahi dute, baita desagerraraztea ere. Lagundu egin behar diegu, baina Fabrak esan bezala, valentziarrek eta Baleareetakoek haien politika erabaki behar dute. Ezin gara inperialistak izan. | news |
argia-4146a47d4bff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/urriaren-1a.html | Urtebete geroago dena zabalik | Maria Colera Intxausti | 2018-09-30 00:00:00 | Urtebete geroago dena zabalik
Urtebete joan da Txarangok "ho tindrem tot i es parlarà de vida" [dena izango dugu eta bizitzaz hitz egingo da] leloarekin erreferendum-kanpaina alaitu zuenetik. Une gogoangarri asko baina aurrerabide gutxi ikusi ditugu joan den 365 egunean: ANC eta Òmnium-eko presidenteen espetxeratzea, erreferenduma, poliziaren bortizkeria, baiezkoaren garaipen borobila, gerra zibilaz geroztiko grebarik handiena, independentzia-aldarrikapen zapuztua, "dena prest zeukaten" agintarien ihesaldia, gobernu erdiaren kartzelaratzea, 155. artikuluaren ezarpena, abenduaren 21eko hauteskundeak, 155. artikulua bertan behera uztea, presidente-gaien dantza amaiezina, parlamentua osatu ezina, begizta horien inguruko guda, milatik gora auzipetu eta ehunka eraso faxista.
Urtero bezala aurten ere Diada izan berri dugu eta azken hamar urtean bezala egundoko jendetza, milioi bat lagun, elkartu da Bartzelonako Diagonalean, "Egin dezagun Kataluniako errepublika" leloarekin oraingo honetan. Aspertzeko eta patxadan egoteko astirik ez da izan, ez, azken hamabi hilabetean, baina gertakarien zurrunbilo honetaz galdetuta, noraeza eta estrategia garbirik eza da jende gehienak nabarmentzen duena. Iritzi horretakoa da Maika Pintó, Bartzelonako Raval auzoko 50 urteko etxekoandrea. Betidanik PSCren boto-emailea izandako emakume hau ERCrengana gerturatzen joan zen prozesuak aurrera egin ahala. Erreferendumaren egunean boto-ontziak jasotzeko isilpeko ardura egokitu zitzaion, eta CDRek, hautes-lekuak bermatzeko, eskolak okupatzeko egindako deialdiari jarraiki, Ravaleko Collaso i Gil eskolaren okupazioan parte hartu zuen.
Erreferenduma pasata, berehala ikusi zuen "gobernuko kideak hitz asko baina ekintza gutxi egiten ari zirela, eta beren burua salbatu besterik ez zutela bilatzen". Egoera horren aurrean, bere auzoko CDRaren asanbladetara joaten hasi zen. Bakar batera ere ez du huts egin, nahiz eta, azken hilabeteetako norabide argirik ezaren ondorioz parte-hartzea murriztuz joan den etengabe. Urriaren 1ean eskolak berriz okupatzeko deia egin dute zenbait eragilek, joan den urtekoa ospatzeko, baina Pintók irmo dioenez "eskolak okupatu genituen eta erreferenduma egin eta irabazi genuen. Eskolak beharrean agian Generalitatea okupatu beharko genuke, Errepublika behingoz gauzatuarazteko". Salatu duenez, halaber, "ANC eta Òmnium ekimen ausart guztiak zapuzten ari dira, ez baitute mugimenduaren gaineko nagusitasuna galdu nahi, eta manifestazio erraldoiak deitzera mugatzen dira". Estrategia horren aurrean zera galdetu du: "Esango didazu zertarako balio duen milioi bat lagun mobilizatzeko gai izateak, Diagonalean olatu bat egitera mugatzen bazara". Agintariengan konfiantza guztia galduta, herriak agintzen duela eta gobernuak herriari men egin behar diola azpimarratu du.
Iñaki García euskaldun aspaldi bartzelonaratuak ere horixe bera uste du. Bartzelonako El lokal izeneko topagune libertario historikoko arduraduna da García eta urriaren 1ean zuri bozkatu zuen. Egun haietako irakaspenez galdetuta, ondorio nagusi hauek nabarmendu ditu: ez dagoela klase politikoan sinesterik eta jende "errespetagarria" beti saiatuko dela prozesua bide "onetik" zuzentzen, baina urriaren 1ean eta 3an jendeak ikasi zuela erabakimena izanez gero posible zela estatuari aurre egitea eta herriaren borondatea gauzatzea. Eta antzeko beste abagune bat izango dugula. Noiz? Preso politikoen zigorrak iristen direnean herria berriro ere altxako delakoan dago García. Etsimen handia sumatzen du jendearengan eta kontraesanak gainditzen ibili behar etengabe bat, baina dena zabalik dagoela iruditzen zaio eta berriro ere gerta daitekeela urrikoa bezalako gainezkatze bat. Eta horretarako greba orokorra funtsezko tresna izango da.
Maika Pintó:
"Eskolak okupatu eta erreferenduma irabazi genuen. Agian Generalitatea okupatu beharko genuke, Errepublika behingoz gauzatuarazteko"
Langileen tresna horri buruz galdetu diogu Ermengol Gassiot CGT sindikatuko idazkari nagusiari. CGT izan zen urriaren 3ko greba orokor erraldoira deitu zuten sindikatu borrokalarietako bat (IAC, I-CSC, COS eta CNTrekin batera). "Erakunde prozesistek, CCOOk, UGTk, Generalitateak eta patronalaren erakunde batzuek herri-geldialdi izaera eman nahi izan bazioten ere, grebak arrakasta ikaragarria izan zuen: soldatapekoen %85ak egin zuten greba INEren arabera, hau da, 1,2 milioi langile, CEOEren zenbakietan". Aspaldi honetan beste greba orokor baten beharraz mintzo dira asko. Horren inguruan Gassiotek dio egia dela beste herri-geldialdi bat egiteko asmoa aipatu duela ANCk berriki, baina "egunero esplotatzen gaituen patronalaren eta sindikatuen arteko ekintza bateratu gisa aurkezten dutela". Gauzak horrela, oso zail ikusten du halako greba batekin bat egitea. Gainera, "grebak ez dira fetitxe bat, zerbait lortzeko bitartekoa baizik, eta kasu honetan ez dago argi helburua zein den". Eta orain zer? Iazko udazkenean estatuari gain hartzeko aukera egon zela dio, baina herriaren gaineko kontrola galtzen ari zirela ikusita, Generalitateak esku-frenoa jartzea erabaki zuela. Bestalde, "itxura guztien arabera, indar prozesistak eta indar unionistak egoera birbideratzeko modua negoziatzen ari dira eta alegiazko errepublika eraikitzeko aitzakiarekin urriaren 3an pitzatuta gelditu zen interklasismoa berreraikitzen ari dira". Estatuari eta botere ekonomikoei gaina hartzeko aukera oraingoz galdu samar ikusten du Gassiotek.
Javed Ilyas Qureshi pakistandar-katalana Santa Coloma de Gramenet-en bizi da duela 25 urte eta Kataluniako Pakistandar Langileen Elkarteko presidentea da. "Katalunian katalanez mintzo gara eta ez dago ilegala den gizakirik" irakur daiteke elkarteko hormetan. Qureshik salatzen duenez "pakistandarrek eta gainerako etorkinek bazterketa jasaten dute arlo guztietan: hezkuntzan, lanean, osasunean eta hedabideetan, eta horrek aldendu egiten ditu bertako politikatik". Urriaren 1ean ezkontza baterako bezala jantzita joan zen bozkatzera, emaztearekin eta seme-alabekin, baina independentziaren alde dagoen pakistandar gutxi-gutxietakoa da bera, %90 inguru aurka baitago. Salatu du askotan hizkuntza-kontuetan jartzen dela fokua eta etorkinei arrotz samar gertatzen zaizkiela halakoak eta, beraz, parte-hartze marjinala izaten ari direla prozesuan. Prozesua haiei ere badoakiela sentiarazteko modua bilatu beharra dagoela azpimarratu du, baina identitate-kontuetatik bereizita.
Argazkia: Javi Julio
Gauza bera dio Llum izeneko beste auzotar batek. Pintók bezala PSCren ingurutik independentziarako jauzia egin du bere burua "munduko hiritartzat" daukan emakume erretiratu honek. Indarkeria zuzenean bizitu zuen urriaren 1ean bozkatzera joan zen eskolan. Eta "Puigdemont eta eskuineko jende hori batere maite ez ditudan arren", Estatuaren jokamoldearen ondorioz "orain dela gutxira arte independentziaren alde ez zegoen jende asko independentista bihurtu da". Onartezina da jendea espetxean eta erbestean egotea eskubide politikoak gauzatzeagatik.
Horratx prozesuaren fase honetako beste ardatz guztiz garrantzitsu bat: errepresioa eta talde biolentoen bortizkeria, jendea beldurrarazteko, herriaren borondatea zapuzteko eta xantaia politikoa egiteko tresna gisa. Gobernu erdia espetxean eta beste erdia Europan sakabanatuta dagoela salatzeko Kataluniako papar eta hormak begizta horiz betetzen joan dira azken hilabeteotan eta, egora hori konpondu beharrean ezkutatu nahi duten alderdiek akuilatuta, Lurraldearen Babes Taldeak (LBT) izeneko komando biolentoak sortu dira, kaleen "neutraltasuna" bermatu eta adierazpen-askatasunaz garbitzeko. Bai talde horiek bai aldiro-aldiro Bartzelonako kaleetan manifestazioan ateratzen diren talde ultraeskuindar eta neofaxistek ehunka eraso eragin dituzte, inpunitate erabatekoaz babestuta. Epaiketak iristen direnerako giroa berotu nahian dabiltza batere oinarririk ez daukaten matxinada-salaketak justifikatzeko. Eta horri eman beharreko erantzunean ez datoz bat eragile guztiak. Irailaren 16an katalanaren aurkako manifestazio bat antolatu zuten talde espainolista horiek. Batzuek bizkarra ematea proposatu zuten, baina independentziaren gauzapena eskatzeko Plaça Sant Jaume-n kanpaldia antolatu dutenek eta CDRek kontzentrazioa deitu zuten plazara sartzen ez uzteko, baita lortu ere.
Laia Altarriba Jornada egunkari sortu berriko zuzendariak hemendik aurrerakoak honela deskribatu ditu azken egunotako zutabe batean: "Denon artean autodeterminazio-eskubidea berriro ere gauzatzeko indarra eta unea bilatzea da gakoa, eta oraingo honetan atzera ez egitea. Udazkena funtsezkoa izango da". Ikusiko dugu, beraz, udazkenak zer dakarkigun. Zer egingo du Parlamentuak Llarena epaileak kargu gabetutako diputatuekin, tartean Puigdemont presidentearekin? Amore eman ala planto egin? Nondik nora joango da preso politikoen aurkako epaiketa? Defentsa politikoa egingo dute ala juridikoa? Zer bide hartuko dute gobernuko alderdiek? Itun fiskalarena eta erreferendum adostuarena? Zer estrategia marraztuko dute ANCk eta Òmniumek? PDeCAT eta ERCri lotuta jarraituko al dute? Zer egingo dute CDRek eta sindikatuek? Bai batzuk bai besteak gai izango ote dira prozesua errepresioaren aurkako matazatik bereizi eta eskubide politikoen alorrera eramateko? Eta, galderarik garrantzitsuena: zer egingo du herriak, hau da, orain dela urtebete autodeterminazio-eskubidearen gauzapena bere gorputzarekin defendatu eta bermatu zuen kaleko jendeak?
Vincent Andrés Estellés valentziar poetaren "Egunen batean ezingo dugu gehiago eta orduan dena ahal izango dugu" hura berriro etorriko dela nabarmendu dute elkarrizketatu guztiek eta oraingo honetan ezin izango dela herriaren borondatea bahitu eta zapuztu zuten agintari politikoen esku utzi. Iazko gertakizunetan jendeak lehenbizikoz bizitu zuen gai zela, ahalmena zeukala, estatu-aparatu eta elite politiko-ekonomikoei aurre eginez, legalitatearen aurretik zilegitasuna jartzeko. Eta bizipen hori ez da berehalakoan ahazten. | news |
argia-2bc1e9fb22fe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/mcintosh-sagarra.html | McIntosh sagarra | Jakoba Errekondo | 2018-09-30 00:00:00 | McIntosh sagarra
Ordenadoretan, tabletatan, segapotoetan eta horien publizitatean ikusten dugu, batez ere, McIntosh sagarra. Zer den ederki adierazten du bere logotipoak, ondo asmatu zuen egileak; puska falta zaion sagarra da, norbaitek kosk egin izan balio bezala. Izan ere McIntosha jan-sagarra da.
Kanadako sagar nazionala da, han sortua baita. Jonh McIntosh (1777-1846) guraso eskoziar immigranteen semea New Yorken jaio zen, eta 1800. urte inguruan Kanadan Ontario probintziako Matilda herrian sail batzuk erosi, eta bertan ekin zion lurra lantzeari. Saila garbitzen ari zela, hazitik sortutako sagarrondo ( Malus domestica ) batzuk aurkitu zituen, txertakak edo makatzak deitzen zaienak. Sagarrondo horiek hazitik sortu direnez, ez dakigu zer-nolakoak izango diren: zein tamaina izango duten, nolako eitea, zer hostaje, noiz loratuko diren, zer fruitu mota emango duen, fruitua noiz helduko duen... Hazia sortzeko nahasi diren aita eta ama ezagutzen ez direnez, hazi horrek sortuko duen landareari antzik ere ezin eman. Aurkitutako landare haiek muintegian zehar-aldatu, sagastian landatu eta, urte gutxira, landare haietako bat sagar gorrizta ederrak ematen hasi zen: tamaina politeko alea, borobil antzerakoa, berde gainean ia erabat gorria den azal mehe distiratsua, mami tente zuri-zuri karraskatsua, gazia eta irailaren amaiera aldera heltzen dena. Harrezkero McIntosh esaten zaio sagar horri. Gurean sagar gehienek etxe baten edo abizen baten izena duten gisa berean: Txalaka, Saltxipi, Ugarte...
1811. urtean kosk egin zioten lehen aldiz McIntosh bati. Gero, ugaritzeko txertatu eta 1835ean sagarrak saltzen hasi ziren. Familiako ondorengoek sagarrondoak saldu eta saldu jarraitu zuten, eta 1870etik atzera sagar honen ekoizpen komertzialari ekin zitzaion. XX. mendearen hasieran Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan entzuterik handieneko sagarretako bat zen, gordinik jateko bezala sukaldean erabiltzeko.
Jan-sagarraren mundua irauli zuen McIntoshek. Sagar aldaera berriak egin eta munduratzeko sortzaileek erabili izan zituzten ama desberdinen artean erabiliena izan zen lehengo mendean.
Lehen sagarrondo hark 1908an eman zuen azken uzta, eta 1910ean hil zen. 2011n, lehen hartatik txertatutako ondorengo zuzen baten aldaxkak jaso eta arbola berriak sortu zituzten. Haietako hiru bizi dira, eta, deskuiduan agurtu nahi badituzu, Upper Canada Village Heritage Parkera joan behar duzu. Eskumuinak eman nire partez. | news |
argia-4f6662d92950 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/alejandra-rayas.html | "Mobilizazio baketsuaren sendotasuna da Kataluniaren itxaropena" | Saioa Baleztena | 2018-09-30 00:00:00 | "Mobilizazio baketsuaren sendotasuna da Kataluniaren itxaropena"
Barcelonetako Mediterrània eskolako erasoetan Espainiako Poliziak zauritu izanagatik gogoratzen du batek baino gehiagok Alejandra Rayas (Queretaro, Mexiko, 1970). Urriaren 1eko lehen urteurrena betetzear dela, eta, kolpatu zuen guardia zibilaren aurkako epaiketarekin zer gertatuko den jakiteko "adi" dagoen bitartean elkarrizketatu dugu.
Noiz eta nola iritsi zinen Bartzelonara?
Ikasketek ekarri ninduten duela 25 urte Bartzelonara. Hasieratik, harrituta gelditu nintzen gizarteratzeko izan nituen erraztasun eta azkartasunagatik. Aldiz, ezustekoa izan zen, beste hainbat zentzutan, Mexikon Espainiaz ezagutzen zenak ez zuelako zerikusirik errealitatearekin. Gogoratzen dut zail zitzaidala ulertzea zergatik urratu nahi zituen Espainiako Estatuak bertako altxor izan beharko liratekeen kulturak. Gerora ulertu nuen, behar bezala itxi gabeko gerra zibilaren zauriek irekita jarraitzen zutela, garbiketarik egin gabe…
Zergatik bozkatu zenuen urriaren 1eko erreferendumean?
Nire leitmotiv -a betidanik izan delako ahulen alde borrokatzea, ibilbide luzea egin dut pobreziaren eta desberdintasunaren kontra eta, aldeak alde, katalanak zapalduak izan dira. Ez pentsa, ni ez naiz nazionalista, herrialde batzuetan bizi izan naiz eta ez dut mugaldetan sinesten. Baina Espainiako Estatuak Katalunian hizkuntza, hezkuntza, eta erabakitzeko eskubidea zapaltzen dituela ikusi nuenean gogoeta egin nuen. Nire buruari eskatu nion mugen kontrakoa izan arren, Katalunian eragiten ari ziren minaren aurrean nola jokatu erabakitzeko. Eta argi eta garbi ikusi nuen, ahulena gatazka honetan Katalunia zela, erraldoi boteretsu bat zuelako aurrean, euren askatasunerako urrats oro gelditzen. Jende askori gertatu zaio, hau ez da independentziari buruzko auzia, giza eskubideen bermeaz ari gara.
Zer gertatu zen urriaren 1ean Bartzelonako Mediterrània eskolan?
Nire bikotekidearekin batera, goizean goiz esnatu eta auzoko eskolara joan ginen bozkatu asmoz. Ilaran lasai-lasai gosaltzen bukatu genuenean, bat-batean, Espainiako Polizia etortzen hasi zen. Urduritasuna agerikoa zen inguruan. Jendea biltzen hasi zen, antolakuntzatik iragarri bezala, poliziak sartzen ez uzteko, eta orduan nire mutil-laguna galdu nuen. Polizia kolpeka hasi eta bere bila hasi nintzenean, abisurik gabe, bizkarretik jaso nuen lehen borra kolpea aurpegian. Agenteari begiratu eta beste kolpe batekin zigortu ninduen. Nahasita gelditu nintzen minagatik. Kezkatuta nintzen nire mutil-laguna lurrean zegoela ikusi nuelako. Berarengana hurbiltzen saiatu nintzen eta hirugarren kolpe bat jo zidaten orduan. Hor bai, tokiz kanpo gelditu nintzen. Larrialdietara eraman ninduten.
Fisikoki zein izan ziren erasoaren ondorioak?
Masailezurra eta sudurra hautsi zizkidaten, baina okerrena, begian egin zidaten hematoma izan zen. Sekulako mina ematen zidan eta bi hilabete behar izan nituen aurpegiko zauriak sendatzeko. Zaila izan zen. Nahi gabe nire kasua publiko egin zen eta ez nuen etxetik atera nahi. Gainera, indarkeriaren kontrako borrokaren aldarri izan naiz nire ibilbide profesionalean, eta zaila zitzaidan, lan egiten dudan umeen aurrean aurpegia ubelez josita agertzea.
Argazkia: Jordi Borràs
Egunean bertan jarri zenuen salaketa. Zertan da?
Abantaila da gertakarien irudi asko lortu dugula, eta nire bizilagun batek grabatu eta aurkeztu zuen bideo bati esker informazio baliagarri asko jaso dugu. Miresgarria da jendeak frogak biltzeko egin duen lana. Horri esker jakin izan dugu hiru kolpeak polizia berak eman zizkidala eta dagoeneko identifikatu dutela. Ulertu nahi dut deklaratzera deitu dutela, eta aurrerantzean, ikusiko dugu zer gertatuko den.
Adorez ekin eta larrialdietatik atera bezain pronto joan zinen bozkatzera.
Noski. Duintasunagatik. Adierazpen askatasunean eta erabakitzeko eskubidean sinesten dut eta, beraz, jipoiek ezin zuten nire erabakitzeko eskubidea urratu. Hasitakoa bukatu behar genuen, txalo artean hartu ninduten eta hunkigarria izan zen.
Hain zuzen ere, urriaren 1ean zeurea bezalako erasoak ikusi ondoren, bozkatzeko asmorik ez zuen jende asko azkenerako joan zen botoa ematera.
Bai eta oso pozgarria izan zen erantzun hori ikustea. Beldurra zabaldu nahi zuten eta kontrakoa lortu zuten. Penagarria da eragindako mina, baina, jende askok begiak ireki zituen Poliziaren eraso bortitzak ikustean.
Urtebete pasa da eta, errepresioaren gainetik, milioi bat lagun atera zen Diadan kalera.
Kataluniako mobilizazioak ez du aurrekaririk. Beste behin, Espainiak beldurraren kultura erabili du gizartea apaltzeko, baina indartu besterik ez dute egin. Are gehiago, mobilizazio baketsuaren sendotasuna da Kataluniaren etorkizunaren itxaropena.
Herritarrek argi duten arren, independentismoa bide-orririk gabe dago orain. Zer deritzozu alderdi politikoen jarreraz?
Tira, ordezkari nagusiak espetxeratuta eta erbesteratuta daude, beraz, pazientzia falta eta presa ez dira bidelagun onak izango. Funtsezkoa da gogoeta sakona egin eta ondoren ibiltzen hastea. Bide-orriak funtsezkoak dira, baina gogoetarik gabe, noraezean ibiliko gara.
Inoiz bozkatuko duzu berme guztiekin antolatutako erreferendum batean?
Noski, zalantzarik gabe. Nire ametsa da demokrazia orok bermatu beharko lituzkeen eskubideak errespetatu eta justizia egiten duen mundu batean bizitzea. Eta ziur naiz Kataluniak lortuko duela. | news |
argia-72cbb1ad775c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/tourist-stay-at-home.html | Tourist, stay at home | June Fern�ndez | 2018-09-30 00:00:00 | Tourist, stay at home
Uztaila aldean unibertsitateko lagun batek "mutil-lagunak bidaia-txartela aspaldi erreserbatu zuen Nikaraguara", idatzi zidan. Biolentzia egoeraren berri zuela eta dirua galdu nahi ez zuela. Ordura arte gorputz polizial eta parapolizialek 400 lagun erail zituzten eta egunero bahitu, zauritu eta desagertuen zerrenda loditzen zihoan. Testuinguru horretan, nire lagunaren kezka ulergarria baina zeharo surrealista eta arina iruditu zitzaidan. Galdera egokia ez da ea turista batentzat gatazka armatu batean murgilduta dagoen herrialde batera oporretan joatea arriskutsua ote den, baizik eta bere presentzia egokia ote den eta zer rol jokatuko duen jakitea. San Juan del Sur-eko hondartza paregabeetan surfean egin eta gauetan parrandan egiten saiatu, bertokoek barrikadak eraikitzen edo erbesteratutako senideei agur esaten dieten bitartean?
Bacanalnica aldizkari digitalak dilema hori duten turistei ironiaz betetako artikulu bat zuzendu die: "Ai, chelito (kanpotar txuria), nola azalduko dizut. Beitu, hondartzak hor daude baina ez duzu inor ikusiko bainatzen. Gomendatu nizkizun hiri guztiak birrinduta, hutsik eta okupazio militarpean daude. Etxeratze- agindu ez ofiziala dago arratsaldeko seietatik aurrera, ordu horretan paramilitarrez jositako Hilux-ak ateratzen baitira Danielen izenean jendea hil eta bahitzeko asmoz. Esango nizuke turista izateagatik ez dizutela ezer egingo, baina jende horrek familia oso bati su eman dio, bi haur txiki barne; hortaz, badaezpada, ez dizut halakorik hitzemango".
Giro ezkertiarretan
'Tourist go home' aldarriak arrakasta du. Donostian eta Bilbon turismoaren masifikazioa bertokoak kanporatzen ari delako,
alde zaharren arima zapuzten ari direlako eta Gaztelugatxe eta Zumaiako flyscha, 'Game of Thrones' telesailean agertu direnetik azkarrago higatzen ari direlako
Giro ezkertiarretan Tourist go home aldarriak arrakasta du. Donostian eta Bilbon turismoaren masifikazioa bertokoak kanporatzen ari delako, alde zaharren arima zapuzten ari direlako eta Gaztelugatxe eta Zumaiako flyscha, Game of Thrones telesailean agertu direnetik azkarrago higatzen ari direlako. Girien jarrera ezjakin eta ezaxolak gogaitzen gaitu –ez al dira konturatzen gurean inork ez duela sangriarik edaten?–. Benetan, uste al dugu Habanara mojitoak edatera joaten garenean gu ez garela giriak eta bidaiariak? San Cristobal de las Casaseko biztanleek ez dutela turismo progre masifikatuaren ondoriorik nabaritzen? Machu Picchuk ez duela higadurarik pairatzen?
Nire lagunek oporretako argazkiak publikatu dituzte Instagramen: Camboya, Tailandia, Islandia, Kroazia, Costa Rica. Inbidia pittin bat sentitu dut, baina nik Illa de Arousa eta La Vera-n gertuko paradisuez disfrutatzeko konpromisoa berretsi dut. Lantzean behin bidaia zirraragarriekin amets egiten dut, demagun Cabo Verde. Baina gero eta deserosoago sentiarazten nau mapamundia hartu eta, arraza eta klase arrazoiak direla medio, edonora joan ahal naizela jakiteak: hegazkin-txartela ordaindu dezakedalako, kolonia ohi txirotuetan bizitza merkea delako, aireportuan ez nautelako deportatuko.
Argi daukat, nazioarteko turismoa ez da jasangarria eta esperientziak kontsumitzeko grina kapitalista da. Halaber, argi daukat gogoeta eta kontraesan ideologiko horiek pribilegiatu baten kezkak direla. Erraz egin diezaioket uko turismoari, nire lanbideak maiz bidaiatzeko erraztasuna eta koartada etikoa ematen dizkidalako. Gakoa izan daiteke pribilegio horrekin zer egin. Zein izan daitekeen nire rola. Hasteko, argi daukat Nikaraguako Karibeaz, sumendi eta lakuez gozatu dudalako Daniel Ortegaren errepresioa salatzeko erantzukizuna daukadala. | news |
argia-6a1058bd68ce | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/mendebaldetik-datorrenari-aurre.html | Mendebaldetik datorrenari aurre | Iker Barandiaran | 2018-09-30 00:00:00 | Mendebaldetik datorrenari aurre
Ez da batere ohikoa musika talde bati halako izena jartzea (A ze taldea!), baina, jakina, taldekideak Bergarakoak dira, eskarmentu handikoak eta lotsabako samarrak: punk-rocka lantzen ibiliak dira Brigada Criminal taldean, bluesa Belceblues-ekin, bidelapurren folka Bizardunak-en, kostaldeko taberna-zulotako baladak Fiachras-ekin eta, despistatzeko edo, doinu helduagoak Mahaster River proiektuan.
Orain dela hiru bat urte, baina, country-rocka lantzea bururatu zitzaien eta mendebaldera jo zuten gogoz eta arimaz. Hala, urtebetera, esentzia hori arrantzatuta Soft and strong disko luzea argitaratu zuten. Gerora, baina, zuzenekoetan erakutsi zuten country-rocketik harago sustraietako rock amerikarra egiten ere iaioak zirela; eta egiten zuten horretan sinesgarritasuna transmititzen dutela. Horretan zeresana dauka, besteak beste, Txus Martinez abeslariaren ingeles ahoskera borobilak.
Orain, Thousand tons of steel lan berriarekin datoz, eta egin duten jauzia nabarmena da. Lan dotorea, oso garbia eta landua da, eta country-rocka eta rock amerikarra ardatz badira ere, bestelako erregistroetan ere eroso murgiltzen dira; hala, publiko anitza harrapatzeko moduko lana da. Fredi Pelaezekin grabatu dute Pottoko estudioan eta emaitza distiratsua da.
La bestia erabat melodikoa da, country-rockean murgiltzen gaituen ahots bero eta gertukoa aurkeztuz. Better than ever hit!a da zalantzarik gabe: bizi-bizia, oso itsaskorra, eta gitarra punteo ederrak dituena. Part time singer -ek erritmoa eten egiten du Willy DeVillen kadentzian harropuzkeria eta cha-cha-cha hurbilduz. Neon valley eta Forever gone country klasikoaren patroitik moztuta daude, dantzagarri eta egiazko. Boats of shame epikoagoa da, irlandar kutsuarekin, baina 60ko hamarkadako rockaren printzak ere baditu. Mistery tales folk amerikar benetazkoa da. Cannon king surf-rockaren eta erritmo nabarmeneko rock jostaria. On the road you'll find, Deafening lights eta The dusk sentimendu handiz interpretatutako baladak dira. Eta, azkenik, Revenge hillbillya indioen oihanean murgildu eta amiltzen den pieza iluna, sasikoa. | news |
argia-3cad38a23727 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/matrikula-zabalik.html | Matrikula zabalik! | Leire Narbaiza Arizmendi | 2018-09-30 00:00:00 | Matrikula zabalik!
Miguel Bilbon bizi da, eta lan-kontratu txiki bat du. Astia duenez, orain ikusi du unea euskarari ekiteko, A ereduan "ni Miguel naiz" baino gehiago ikasi ez zuelako. Baina informazio bila joan denean, dirutza ordaindu behar duela jakin du. Gainera, ez dago diru-laguntzarik. Tira, esan diote matrikula pagatu, kurtsoa egin, asistentzia ona izan, eta azterketa gainditzen badu, dirua itzuliko diotela, edo hurrengo ikasturtean matrikulatzeko bono bat emango diotela. Berak aurrez jarri beharko ditu otxinak. Bere egoeran, ezinezkoa.
Carme katalana da, eta Euskal Herrian bizi da, ez hiriburu batean, herri ertaina da berea. Astia du, euskara ikasteko gogoz dabil, dirua ez da arazoa; gainera, bere herrian behe urratsetan dabiltzanendako matrikula erdi prezioan dago. Animatuta dago, baina herriko euskaltegi bietan ez da sortu talderik, zortzi ikasle behar direlako gutxienez taldea abiatzeko. Beste herri batera joan beharko da, ea bertan talderik ateratzen den. Seguruenera, ezingo du asmoa bete.
Euskara gaitza ei da. Karua ere bai. Sarri, ezinezkoa izena ematea. Gaztelania ikastea, ostera, doan da; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ordaintzen du. Zein da irtenbidea Miguel eta Carmerendako? | news |
argia-f450d4614ea2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/iraultza-txikien-akanpada.html | Herri mugimenduek elkar indartzeko espazioa | Maddi Txintxurreta | 2018-09-30 00:00:00 | Herri mugimenduek elkar indartzeko espazioa
Euskal Herriko herri mugimendu ugaritako kideen eta bestelako gizarte eredu baten alde borrokan ari diren herritarren plaza bihurtu da iragan den asteburuan Gipuzkoako Zubieta herria. Lurralde Askea kolektiboak deitutako Iraultza Txikien Akanpada egin dute.
Instituzioek begiz jota duten herrian, erraustegiaren eta makro-kartzelarekin gutxi ez, eta kuartel militar berri baten mehatxupean den Zubietan hartu du lur Iraultza Txikien Akanpadak asteburuan. Bere burua "ongi bizitzearen euskal errepublika ipar duten lagunen kolektibo txikia" gisa definitzen duen Lurralde Askea komunitateak antolatu du egitasmoa, herrigintzako beste hainbat eragilerekin batera.
Zubietako kanpaldiak Euskal Herriko herri-mugimenduetan borrokan diharduten pertsonek elkar ezagutzea eta beraien artean saretzea izan du helburu, jakintzaren, beharren eta estrategien kolektibizazioa ardatz. Horrela, eskualde ugaritako eta jatorri militante anitzeko herritarrak elkartu dira. "Azkenengo urteetan, sumatzen da Euskal Herrian badaudela kapitalismotik eta patriarkatutik kanpo bestelako alternatibak eraikitzeko aurrera-pausoak ematen ari diren herri-mugimenduak, baina badirudi nahiko atomizatuta daudela. Kanpaldi hau kolektibo horiek saretzeko saiakera izan da", azaldu du Irati Tobar Eguzkitza kanpaldiko antolatzaileetako batek. Zubieta espazio antipatriarkal, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua, autokritikoa, borrokalaria eta alaia bilakatzen saiatu dira hiru egunez. "Esperimentu bat izan da, eta ikusi dugu oso harrera ona izan duela. Herri mugimendu edo borroka ugaritan aritzen diren kideen sentsazioak jaso nahi genituen, eta badakigu harreman sare bat sortu dugula. Horrek ez du esan nahi bestelako eredu baten alde egingo duen komunitatea guztiz eratuta dagoenik, eta aurrera begira harreman sare hau nola elikatu asmatu beharko dugu", iritzi du Tobarrek.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Irailaren 21ean, ostirala, abiatu dira "ongi bizitzeko hiru egunak". Lo-zakuak besazpian hartuta hasi zen agertzen jendea arratsalde partean, Zubietan gertatuko zenaren jakin-minez eta gogoz. Galderak zekartzan jendeak, eta galderak izan ziren kanpaldiko abiapuntua. Jakintza kolektibizatzea eta arnas luzeko gogoeta bultzatu dituzte uneoro, eta hitzaldiak eta mahai-inguruak izan dira horretarako tresna. Ostiralean izan zen lehen mahai-ingurua, "Lurrikaren erdian gu berri bat?" izenekoa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Emakumeen Mundu Martxa eta Amankomunak sarearekin.
Plazaratu den gai-zerrendaren sailkapena eta kanpaldiaren gida-lerroa lau bloketan fokatu nahi izan dituzte, antolakuntzako kide Odile Arrieta Lakak azaldu bezala: "Batetik, herri mugimenduek edo bestelako Euskal Herri bat amesten dugun kolektiboek zein zapalkuntza pairatzen ditugun identifikatu dugu. Bestetik, zapalkuntza horiek gainditzeko garatu ditzakegun estrategia komunak aurkeztu ditugu; konspiratu dugu boterearen aurrean zertarako gai izango ginatekeen guztiok batuz gero, eta azkenik, ekintza bat, erraustegiaren aurkako martxa".
Kolektiboan berrasmatzen
Kultura politikoa berrasmatzeko eta hostoberritzeko beharra azaleratu da etengabe, eta horrek subjektu politikoek eta kolektibo desberdinek boterearen aurkako borrokan zer espazio hartzen duen birplanteatzera eraman ditu Zubietara hurbildu direnak. Kolektiboan pentsatzen jarrita, nola eraiki "gu" politiko berri bat, maila nazionalean zein tokikoan eragingo duena? Nondik eta zer zilegitasunekin saiatzen gara hegemonia apurtzen? Nola josi herri-mugimenduetako zaintza sareak?
"Gu" berri hori sortzeko prozesua "luzea" dela dio Arrietak: "Komunitatea eratzeko oinarri batzuk finkatzen ari gara guztion artean, eta ondoren ikusiko dugu hemendik 'gu' berri bat edo asko sortuko diren". Bestalde, identitatearen eraikuntzan "militantzia likido" deritzonaren oreka ezinbestekotzat jo da, kanpaldian bertan ikusi denez joan-etorriak etengabeak izaten baitira militantzian. "Joan-etorri horien oreka lortzeko komunitate sendo bat behar dugu. Gaur egun herri mugimenduetan saiatzen gara zaintza pertsonala babesten, baina mugimenduaren zaintza ere egin behar dugu, eta oinarri sendoak sortu, etsaia ere sendoa delako", iritzi du Tobarrek. Bilgune Feministako Saioa Iraolak gako batzuk eman zituen igande goizean, "Jendarte likidoa, militantzia likidoak?" saioan: "Biluztuz jantzi, artikulatu eta errora jo". Hau da, subjektu politikoaren eta aniztasunaren kudeaketa, mugimenduaren antolaketa eta politika erradikaletatik ekitea.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Aniztasuna hizpide, larunbat arratsaldean Euskal Herriko subjektu politiko orokortuaren analisia egin zuten, "Behetik eraldatzen, mugimendu txuri klase ertainekotik?" mahai-inguruan. Mugimendu feministako ekintzaile kolonbiar Gladys Giraldo, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Feministaldiko kide Anabel Sanz eta Munduko Emakumeak "Babel"-eko Afaf Al Haoui izan ziren gonbidatuak. Eztabaidatu zuten nola ordezkatzen den aniztasuna Euskal Herriko herri-mugimenduetan, eta zalantzan jarri zen mugimendu txuri eta klase ertainekoak kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako borrokan duen zilegitasuna.
Larunbat goizean "Bizitza burujabetza: alternatibak ezagutzen eta saretzen" mahai-inguruan egun Euskal Herrian boteretik eraikitako sistemaren bazterretik dagoeneko lanean diharduten proiektu ugari aurkeztu zituzten, eta erakutsi konspiratutakoa errealitate bihur daitekeela. Abaraskak etxebizitzaren jabetza pribatuarekin bukatzea aldarrikatu zuen, Orduñako trantsizio agro-ekologikoa azaldu zuen Marijo Imazek, Mbolo kooperatibako migranteek garbiketa kooperatiba sortzeko ideia azaldu zuten, Garestik joandakoek herriko errotaren bitartez energia burujabetzarako bidea azaldu zuten, Koop57k pertsona erdigunean jartzen duen finantza zerbitzua aurkeztu zuen, Arteako Bentan errefuxiatuekin komunitatea nola sortzen ari den azaldu zuten eta Bartzelonako Sants auzoko ibilbide kooperatibo eta eraldatzailea aurkeztu zuten azkenik.
Zortzi hitzaldi eta mahai-inguru egin dituzte guztira, eta aipatutakoez gain askotariko gaiak landu dira bertan: herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak, eraso matxistak kolektibo sozialetan, burujabetza esperientziak lurraldean nola txertatu eta Kataluniako prozesua, besteak beste.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Iraultza Txikien Akanpadak Euskal Herriko txoko ugaritako eta militantzia esparru anitzeko pertsonak bildu ditu Zubietan, eta ezin zuten elkarrekin konspiratzeko aukera galdu. Larunbat arratsaldean "konspirazio erraldoia" egitera deitu zuten Bizitza da Handiena dinamikako kideek dinamizatuta, eta eskualdeka talde txikitan banatuta, tokian tokian egin daitezkeen ekintzak pentsatu zituzten, "Zer? Nola? Noiz?" galderei erantzunez. Bertan esandakoak gauzatzeko derrigortasunik gabe, hor atera ziren ideia zaparrada, Euskal Herri mailan, lokaletik abiatuta eragile sozialak antolatzen joateko beharra eta kideen arteko harreman sareak.
Konspirazio eta gogoetatik harago, aisialdirako tarterik ere izan da Zubietan. Ostiral gauean Erradikalak gara! bertso-antzezlana izan zen, larunbat bazkalostean Nerea Arriola aktorearen Buruhausteak bakarrizketa, arratsaldean Thoreauren inguruan musika poesia eta misterioa performancea eta larunbat gauean Pobresiak poesia emanaldia eta Rukularen kontzertua.
Umeek ere erabakimena
0 eta 99 urte bitarteko jendea elkartzea zen Iraultza Txikien Akanpadaren asmoa, eta iraultzaile txikiek euren espazioa izan zuten kanpaldian. Ez dira izan kanpaldiaren kontsumitzaile soilak, antolatzaileak baizik. Beraiek ere asanbladak egin dituzte, zertan jolastu eta zertan lagundu erabakitzeko. "Oso polita izan da haurrei erabakitzeko eskubidea ematea. Jolasten, pankartak egiten, mahaia jartzen eta beste mila gauza egiten aritu dira, kanpaldia aurrera atera ahal izateko", azaldu du Arrietak.
Hiru leku zeuden prest: Furgoneten aparkalekua, familien kanpalekua eta hirugarren kanpalekua. Argazkian azken hau. (Lander Arbelaitz)
Ideietatik ekintzara
"Kanpaldiak, bizimodu komunitarioa eraikitzeaz gain, praktikan ekintza bat egitea zuen helburu, Euskal Herrian gaur egun aktibo dagoen borrokaren batean eragitea. Horrexegatik egin da kanpaldia Zubietan, erraustegiaren eta makro-kartzelaren aurkako mugimendu indartsua sortu delako. Zubieta hiltzen ari dira eta bultzada bat eman nahi izan diogu horren aurka borrokan ari den mugimenduari", esan du Irati Tobar Eguzkitzak.
Horrela, Iraultza Txikien Akanpadari bukaera emateko, Zubietako erraustegi proiektua aurreko legegintzaldian geldiarazi zuten arduradun politikoei orain arte jaso gabeko aitortza egin zieten.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko ordezkariak oholtza gainera deitu zituen lehenik gaikako bilketa orokortuan ezartzen aitzindariak izan ziren udaletako orduko alkate edo zinegotziak: Xabier Mikel Errekondo (Usurbil), Marian Beitialarrangoitia (Hernani), Enrike Lekuona (Oiartzun) eta Joxemari Iturbe (Antzuola). Horiekin batera, San Marko mankomunitateko aginte postuetatik ahalegindu ziren Ricardo Ortega (Lasarte-Oria) eta Imanol Azpiroz (Usurbil). Bestetik, 2011-2015 legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiko eta GHK kontsortzioko karguetatik Zubietako erraustegiaren proiektua bertan behera utzi zuten agintariak: GHKko lehendakari zen Ainhoa Intxaurrandieta eta Gipuzkoako Foru Aldundian Ingurumen diputatu izandako Juan Jarlos Alduntzin eta Iñaki Errazkin. "Denis [Itxaso], [Jose Ignacio] Asensio, Markel Olano, [Karlos] Ormazabal… Soldatak enbargatuko dizkiguzue, behar bada etxea kenduko diguzue. Azken finean, etorkizuna lapurtu nahi diguzue. Baina egindakoarekin harro gaude. Eta, entzun, harro eta ozen esango dizuet: berriro ere geldituko dugu erraustegia. Gure amonen etxeak iraunen du zutik! Gora Zubieta!", bota zuen zorrotz Intxaurrandietak.
Azkenik, Gipuzkoa Zutik kolektiboak deituta erraustegira martxa egin zuten. Antolakuntzatik biolentziarik ez zela erabiliko eta desobedientzia zibila praktikan jartzera zihoazela gogorarazten ari ziren bitartean, adin guztietako ehunka pertsonak buzo zuriak jantzi zituzten eta martxa abiatzeko prestatu ziren. Ertzaintzaren helikopteroak gertutik jarraitu zituen manifestarien pausu guztiak.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Bi zutabetan banandu zen martxa mendiaren magalean, eta zutabe bakoitzak bere bidea hartu zuen. Berdez apaindutako erraustegira gerturatu ziren bi blokeak, baina martxa geldiarazteko polizia dispositibo zabala prest zegoen herritarrak iritsi orduko, mendi-bide guztiak itxiz. Erraustegiaren albora iristea lortu zuen zutabeari eraso egin zion Ertzaintzak. Jarrera oldarkorra erakutsi zuten, borra-kolpeak eta bultzakadak egon ziren, eta hainbat zauritu eraginez. Ertzaintzaren jarrerak, ordea, ez zituen apaldu jendearen indarrak. "Lortu dugu agerian uztea beraien negozioa zer indarkeriarekin ateratzen duten aurrera", adierazi zuten Zubietako plazara jaitsi zirenean.
ITAren irakaspenak
Zubietak gainezka egin du, Iraultza Txikien Akanpadako antolatzaileen aurreikuspen guztiak gaindituz. "Gu txikitasunetik abiatu ginen, eta kudeaketan nabaritu dugu gainezka egin dugula, azkenean ondo antolatuta aurrera egitea lortu badugu ere", esan du Tobarrek.
Ongi bizitzeari eskainitako hiru egunak ilusioz igaro dira, aliantzak eraikitzen jarraitzeko gogoz. Bertaratutakoek jarrera parte-hartzailea erakutsi dute, bai antolatutako ekimenetan eta baita kanpaldia aurrera ateratzeko lanetan ere. Mamuak eta kezkak ere izan direla aipatu du Tobarrek: "Botere harremanak eta sistemak eraiki dituen zapalkuntzak ez daude gugandik kanpo, baina, hala ere, oso garrantzitsua da egoera horiek esplizitatu egin direla". Arrietak, bestalde, esan du horrelako ekimenetan "zaila" izaten dela aisialdiari balorea ematea, "edukia" osatzera bideratzen baitira normalean indar gehienak. Hala ere, antolakuntzako kide biek nabarmendu dute "horrelako espazio baten" beharra zegoela, eta esperientzia "oso positiboa" izan dela. Ikusiko da behetik gora antolatzen ari den komunitate honen hurrengo urratsak zein izango diren.
Argazkia: Lander Arbelaitz | news |
argia-8a1bafe611a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/migratzaileak.html | Eskubideez desjabetutakoen bidaia Euskal Herrira | Estitxu Eizagirre | 2018-09-30 00:00:00 | Eskubideez desjabetutakoen bidaia Euskal Herrira
Uda honetako gai nagusia izan da: migratzaile multzoak autobus geltokietan, horri erantzunez herritarrek aktibatutako elkartasuna, eta atzetik erakunde publikoek ia egunero jaulkitako datu eta adierazpenak, jarri dituzten baliabideak zerrendatuz.
Larrun honetan iritsi berrien errealitatean murgildu gara, urtetan hauen eskubideen defentsan ari diren pertsonen eskutik. Eta ustekabean, ispilu batekin egin dugu topo: beltzen egoerari begira zurien burua da ikusi duguna, zurien ekonomia, mendebaldarron mito eta uste okerrak, administrazioan agintean direnen eta herri mugimenduetan dihardutenen logika ezberdinak... Migrazioaren gaiak irekitzen duen pitzadura apasionagarria da, Euskal Herriko gizarte eredua jartzen baitu eztabaidagai.
Biribiltzeko, Asier Gonzalez de San Pedrok aparteko erreportajean kontatu du barrutik bizi izan duen Donostiako Txantxarreka gaztetxearen esperientzia.
Mohammed Mahmud eta Issah Naziru Ghanatik etorri ziren Euskal Herrira. Beren esperientzia eta gure uste okerrak izan zituzten mintzagai maiatzean Donostiako Gros auzoan emaniko hitzaldian. "Gure herrialdeko denek ez dute hona etorri nahi, badira han ongi bizi direnak" ohartarazi zuen Naziruk. "Uste duzue Afrikatik honainoko bidaia egiteko, aberatsenak etortzen garela. Aberatsa banintz, nire herrian biziko nintzateke" esan zuen Mahmudek. Naziruk azaldu zuen familiarengandik urruntzearen mina: "Bost urte daramatzat gurasoak ikusi gabe. Behin amak telefonoz esan zidan 'ez dakit noiz ikusiko zaitudan berriz. Zuk badakizu non nagoen ni, baina nik ez dakit zu non zauden'. Eta bizitza ez dago gure esku, edozein unetan hil gaitezke. Hori guztia barruan izanik, hona etorri eta gehiago izorratzen bazaituzte, oso gogorra da".
Anaitze Agirre, Irungo Harrera Sarea: "'Denak hona datoz' diskurtsoa jasotzen dugu eta hori ez da egia. Migrazio gehienak Afrikan hegoaldetik hegoaldera ematen dira, ez hegoaldetik iparraldera. Migratzaileen %50 emakumeak dira"
Anaitze Agirre Larreta SOS Arrazakeriako kide da aspaldidanik, eta egun Irungo Harrera Sarean dabil buru-belarri. Mundu mailako migrazioarekiko dugun ikuspegia oso desitxuratuta dugula ohartarazi du: "'Denak hona datoz' diskurtsoa jasotzen dugu eta hori ez da egia. Migrazio gehienak Afrikan hegoaldetik hegoaldera ematen dira, ez hegoaldetik iparraldera. Afrikan jendea oso erraz mugitzen da herrialdeen artean eta bertan gelditzen da. Gero, migratzen hasten direnean eta migrazio proiektua aldatzen zaienean, jendea iparralderago joaten da eta batzuk pentsatzen hasten dira Europara nola joan. Batzuk hasieratik zuten helburu Europa, baina beste batzuk ez". Iruditegi sexista hori, gizonek migratzen dutela eta emakumeak zain geratzen direla, mitoa dela esan du: "Orokorrean migratzaileen %50 emakume eta %50 gizon dira. Baina adibidez emakume afrikar gehienek hegoaldetik hegoaldera migratzen dute. Iparralderako bidaiak askoz gogorragoak dira orokorrean emakumeentzat. Ez dezagun pentsa, estereotipoak dioen bezala, emakume guztiak gizonarekin elkartzera etorri direnik. Badira bakarrik datozen emakumeak eta proiektu migratorioa berea dutenak".
Oier Gonzalez, kale hezitzailea: "Uda honetan Guggenheimek 445.147 bisitari jaso ditu eta Gaztelugatxek 235.000. Hori ez dugu inbasio moduan hartzen. Aldiz, 3.881 arreta egin dizkie EAEko Gurutze Gorriak migratzaileei. Noren interesa da hori hain inbasibo ikustea, zenbakiok alderatuta txorakeria bat denean? Pasoko turistek eta lanera datozen migratzaileek, bakoitzak zer ekonomia sortzen du?"
Zergatik dugu migrazioaren errealitatearekiko hain pertzepzio okerra? Agirrek jarraitu du: "Duela pare bat urte Espainiako Barne ministroak bota zuen: '300.000 afrikar daude Europa hartzeko zain'. Datuen erabilera interesatua egiten dute askotan instituzio eta gobernuek. Zertarako egiten dute? Alarma sortu, gizartea beldurtu, eta modu bateko migrazio politikak justifikatzeko. 'Inbaditzen gaituzte, olatuan datoz, pila bat dira...' pentsatzen badugu, agian erraz onartuko dugu 'Melillan hesi handi bat jarri behar da, Marokori eta Turkiari dirua eman behar zaie hori geldiarazteko, eta Mediterraneo itsasoan hiltzen direnak ba... zer egingo diegu, ezin ditugu denak hartu'". Oier Gonzalez kale hezitzailea da, eta buru-bihotz dabil kalean bizi diren gazte magrebtarrekin hainbat proiektutan. Berak ere dio "inbasio" sentsazioa ez datorrela bat errealitatearekin: "Ekain-uztail-abuztuan Bilboko Guggenheim museoak 445.147 bisitari jaso ditu. Epe berean Gaztelugatxek 235.000. Hori ez dugu inbasio moduan hartzen. Aldiz, denbora tarte horretan 3.881 arreta egin zizkien EAEko Gurutze Gorriak migratzaileei. Izan ere, udan Donostiara 10 egunero 45 pertsona beltz iritsi dira Gurutze Gorriaren autobusez eta Bilbora beste hainbeste. Eta hori inbasio moduan hartzen dugu. Noren interesa da, aipatutako zenbakietan oinarritutako turismoa inbasio fisikoa izanik zerbait onuragarri moduan ikustea, eta beste batzuen etorrera hain inbasibo ikustea, zenbakiok alderatuta txorakeria bat denean? Hemendik pasoan dagoen turista batek zer ekonomia sortzen du, eta hona lanerako prest datorrenak zer ekonomia sortzen du, jasangarritasunaren ikuspegitik? Enplegu sailburuak berriki esan du, demografikoki beharrezko dugu jende hau".
Agirrek Migrazioen Nazioarteko Erakundearen datuak ekarri ditu gogora, Europara datorren migrazioa gutxitu izanaren adierazle: "2015ean itsasoz milioi bat pertsona iritsi ziren Europara. 2016an 262.000 izan ziren. 2017an 101.000 pertsona. Aurten 46.000 pertsona. ACNURek esan du itsasoz Espainia hegoaldera 27.000 pertsona iritsi direla. Zifra hori barregarria da 47 milioi pertsonako herrialde batentzat. Eta zergatik gutxitu da hainbeste itsasoz Europara iritsitakoen kopurua? Mugak esternalizatu direlako. Turkia eta Maroko egiten ari dira orain lan zikin hori". Baina, uda honetan ez al da Euskal Herrira inoiz baino migratzaile gehiago iritsi? Agirreren esanetan, "Mediterraneoko sarbide nagusia itxi du Italiak. Ondorioz, berriro indartu da Maroko eta Espainia hegoaldearen arteko igarobidea. Gehiago etorri diren Euskal Herrira? Agian bai, bidearen aldaketagatik, udan eguraldiak laguntzen du...". Gonzalezek dio udan hona iritsitakoen kopuruak aurreko urteen antzekoak izanik ere, aurten ikusgarriago egin direla: "Arrazoiz, nire inguruko gazte magrebtarrak haserre daude: haiek urteak daramatzate kalean bizitzen. Donostian kalean bizi diren 18-19 urteko gazteen kopurua 40 lagun ingurukoa da. Eta uda honetan bat-batean gaia mugitzen hasi da. Zergatik? Inbasio irudiagatik. Ez da askoz gehiago etorri direlako, baizik, etorrerak askoz ikusgarriago egin direlako. Estalita zegoen errealitate bat lehertu da, Espainia hegoaldean baliabideek gainezka egin dutenean. Lehen modu informalean iristen ziren hona, bakoitza bere kasa, familiarengana... orain autobusean denak elkarrekin ekartzen dituzte, aldi berean". Agirrek galdera deserosoa bota du piztutako elkartasunaz: "Berdin gertatuko litzateke magrebtarrekin edo ijitoekin izan balitz? Migranteen artean, beltzekiko pertzepzio positiboagoa du gizarteak. Errefuxiatuen gaiarekin Europan urtetan ikusi ditugun irudi guztien ondorio ere izan da piztu den elkartasuna".
Irungo Lakaxita gaztetxean, iritsi berria informazioa irakurtzen. Argazkia: Dani Blanco.
Zer azaleratzen du migratzaileen gaiak?
Iñigo Santxo: "Krisia ez da errefuxiatuena, kapitalismoarena baizik. Kapitalismoak birsortzeko inperialismoa bultzatzen du, herrialdeen desjabetzea burutzen du... eta horren ondorioa da jendea behartuta sentitzen dela bizitzari beren herritik urrunduta ekitera"
Zer ari zaigu seinalatzen 2015etik "errefuxiatuen krisia" esaten zaion hori? Hasteko, Agirrek terminologia zaintzeko eskatu du: "'Inmigrazioaren drama' esaten da, eta ez, drama eragindakoa da, beraz, zehatzagoa litzateke esatea 'inmigrazio politiken drama'. Edo 'errefuxiatuen krisia' ez da egia, 'Europako errefuxiatu politiken krisia' da". Iñigo Santxo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidea da, eta Bilbon Hiritarren Harrera Sarean dabil sortze momentutik. Migratzeko arrazoietan jarri du arreta: "Krisia ez da errefuxiatuena, krisian dagoena sistema kapitalista da. Kapitalismoak birsortzeko inperialismoa bultzatzen du, herrialdeen desjabetzea burutzen du... eta horren ondorioa da jendea behartuta sentitzen dela bizitzari beren herri eta familietatik urrunduta ekitera. Ez da fenomeno berria, historikoki errepikatu izan da garai ezberdinetan eta ez soilik Afrikan. Migrazio fluxuak 'naturalak' dira sistema kapitalistan". Gonzalezek "esklabotza" itzuli dela salatu du: "Ghanako 19 urteko gazte batek ederki azaldu zidan behin: 'duela 200 urte gure herrietara trafikanteak etortzen ziren gu bahitu eta Ameriketara esklabo eramateko. Egun gu ateratzen gara Europara esklabo etortzeko'. Izan ere, muga zer da? Ekoizpen sistema kapitalistan, kontrol eta sailkapenerako bitarteko bat.
Oier Gonzalez: "Ghanako 19 urteko gazte batek ederki azaldu zidan behin: 'duela 200 urte gure herrietara trafikanteak etortzen ziren gu bahitu eta Ameriketara esklabo eramateko. Egun gu ateratzen gara Europara esklabo etortzeko'. Pertsona zaurgarriak eta menpekoak iristen dira hona, eskubiderik gabe, ekoizpen sistema hornitzeko"
Mugak pertsonen trantsitoa erregulatzen du, "nor" eta "nola" "nora" doan zedarritu. Prozesu horretan pertsona zaurgarriak eta menpekoak iristen dira hona, eskubiderik gabe. Mugak, lan-esku merke eta menperatu baterako baldintzak sortzen ditu, norbere jaioterria uztera bultzatzen duen baldintzak eragiten dituen ekoizpen sistema bera hornitzeko".
Beltzean diharduen ekonomiarentzako esku-lana bermatzen du migrazio politikak. Ondorio hori atera daiteke, paperik gabekoek egoiliar baimena lortzeko duten bide bakarra hiru urtez bertan bizi izan direla frogatzea baita. Horrela azaldu digute Laia abokatu taldeko kide diren Aratz Estonba eta Garbiñe Gomezek: "Absurdua da. Baimena ematen dietenean esaten ari dira: aupa txapeldun, lortu duzu hiru urte pasatzea poliziak harrapatu gabe ezkutuan lan eginez. Premio! 21 urteko pertsona batek nola lortzen du bestela hiru urte pasatzea? Guztiok dakigu zer gertatzen den". Enpresariez gain, espekulatzaileek ere paperik gabekoen alokairuarekin sekulako pagotxa dutela gehitu du: "Bakoitzari 300 euro kobratu, eta pisuan 15 pertsona bizi badira... eta zerga aitorpenik gabe, noski! Hedabideetan 'patera-pisua' hitzarekin izendatzen da baina zergatik ez dute jabea seinalatzen?".
Migratzaileen gaiak azaleratu duen beste afera bat, Euskal Herria zeharkatzen
Aratz Estonba, abokatua: "Espainia eta Frantziaren arteko muga normalizatzen ari gara, agintarien esanetan ez omen dagoena. 'Beroan eginiko itzulketak" Europako estatu batetik bestera egitea sekulako kontraesana da! Zirkulazioa librea bada, guztiontzat da librea"
duen Espainia eta Frantziaren arteko muga da. Estonbak irmo salatu du: "Muga bat normalizatzen ari gara, agintarien esanetan ez omen dagoena. Eta ez dezagun ahaztu Europar Batasunean zirkulazioa librea dela! Muga horretan 'beroan eginiko itzulketak' Europako estatu batetik bestera egitea sekulako kontraesana da! Onartu dezatela mugak badaudela, edo zirkulazioa librea bada, guztiontzat da librea". Bi estatuetako poliziak migratzaileen patata beroa elkarri pasatzen dihardutela azaldu du: "Frantziak migratzaileak jatorrizko herrialdera itzuli beharrean, mugara ekartzen ditu. Askotan, topoan sartu eta Hendaiara iristean Espainiako poliziak hartzen ditu. Kaleratze espedientea zabaltzen diete eta polizia espainolak esaten dio migratzaileari: 'sei hilabete dituzu berriz saiatzeko. Berriz pasatzean berriz harrapatzen bazaituzte, paper hau bota'. Eta aholkuak ere ematen dizkiete: 'pasa behar baduzu pasatu gauez...'". Polizia legez kanpo jokatzen ari den bitartean, elkartasuna delitu bihurtzeko arriskua ikusten du Gomez abokatuak: "Gu harrapatzen bagaituzte gure bezero edo lagun diren migratzaileekin Irungo zubia zeharkatzen, pertsonen trafiko delitua egotzi diezagukete". Gonzalezek gogora ekarri du Euskal Herriak muga zeharkatzen metatutako jakintza eta esperientzia: "Mugaldeko praktikak eta elkartasun sareak berreskuratzeko aukera ematen du gai honek. Baina gero eta zailago jarriko dute elkartasuna".
Garbiñe Gomez eta Aratz Estonba, Laia abokatu taldeko kideak. Bere bulegoan elkarrizketa egin bitartean, postariak jo du atea: "Eguneroko berriak!" iragarri du postariak ironiaz.
Gutuna irekita, "beste kaleratze agindu bat" azaldu dute bi abokatuek.
Bidaia legeetan barna
Estonba abokatuak azaldu du Espainiako lurretara sartzea lortzen dutenentzat estatuak prestaturik duen ibilbidea: "Gurutze Gorriak artatu ostean, Espainiako Polizia Nazionalaren eskuetan uzten dituzte. Poliziak identifikatu egiten ditu, pasaportea kentzen die eta espediente administratibo bat ireki. Espedientea zabaltzen diote, poliziari iruditzen zaiolako modu irregularrean etorri dela pertsona hori, baina agian ez da horrela, errugabetasun presuntzioa gorde behar da. Espedientea zabaltzerakoan, garai bat egon zen zuzenean denei hezurrak neurtuz adina igartzeko froga egiten zietena (azken hilabeteetan ez dugu ikusi egiten denik). Pertsona batek pasaportea baldin badu, hezur frogak egitea ilegala da, dokumentazio bat baduelako adierazten duena nor den eta zer adin duen. Espedientea ireki ostean, normalean jendea kale gorrian geratzen da. Lehen hiru egunetan aukera du Gurutze Gorriaren egoitzetan lo egiteko, baina gero kalera doa". Espediente administratiboak sei hilabete iraun ditzake, gehienez. Iritsi berriak alegazioak aurkeztu behar ditu, justifikatuz Espainiako lurretan bere sarrera ez dela irregularra izan eta bertan egoiliar baimena eskuratzeko legeak jarritako baldintzak betetzen dituela frogatuz. Askotan, migratzaileek ez dituzte betetzen legeak egoiliar baimena emateko ezartzen dituen baldintzak. Horrelakoetan geratzen den aukera bakarra azaldua dugu: Hiru urte aguantatzea modu klandestinoan, eta hiru urte horiek pasatuta berriz ekitea legalki egoiliar baimena lortzeari. Baimena lortzeko, errotze txostena aurkeztu behar da, alegia, bertan bizitzen hiru urte daramatzala justifikatzen duten frogak. Honetarako baliagarri da estatura iritsi orduko poliziak ireki zion espediente administratiboa, zein egunetan iritsi zen esateko. Erroldatzea ere bai, bere egoiliar epea noiz hasi zen adierazteko. Eta horrez gain ikastaroak egitea, dinamika anitzetan parte hartzea... hori guztia dokumentatu behar du, aldi berean klandestinitatean egonik, poliziak harrapatuz gero bidaliko bailukete. Eskakizun kontraesankorrak, inondik ere.
Asilo politikoa eskatzen dutenek egin behar duten bidea beste bat da: gudan dagoen herrialde batetik edo beren burua arriskuan dagoen herrialde batetik datorrela frogatzea da migratzaile hauen borroka. CEAR erakundeak bideratzen ditu kasu hauek, eta baldintza oso zorrotzak bete behar dituzte: ez dute lan egiteko eskubiderik, hainbat ikastaro eta programetan parte hartu behar dute... Asiloa eskatu dezaketen gehienek bide honi heltzen diote, baina badu bere arriskua. Honela azaldu du Estonbak: "Asiloa ukatzen badizute eta jatorrizko herrialdean zure bila baldin badabiltza, deportazioa dator. Gerta daiteke asiloa ukatuz gero Espainiak kanporatze prozedura zabaltzea eta kalean uztea, eta beraz, paperik gabeko beste helduek bezala, klandestinitatean hiru urtez eusteko bideari heldu beharra".
Aratz Estonba, abokatua: "duela lauzpabost urtetatik hona zera gertatzen ari da: poliziak bahitu egiten ditu adin txikikoen pasaporteak eta pasaportea bihurtzen dute delitu baten froga, dokumentazio faltsua izatea egozten dietelako"
Adin txikikoena da egoiliar baimena lortzeko hirugarren bidea. Estonbak azaldu duenez, "hauen kasuan berez nahikoa litzateke administrazioko edozein tokitara joan eta esatea: 'adin txikikoa naiz, hemen nire pasaportea'. Automatikoki eraman beharko lukete adin txikiko zentro tutelatu batera. Sei hilabetez Aldundiaren egoitzetan baldin badaude tutelatu gisa, jada egoiliar baimena eskatu dezakete. Baina duela lauzpabost urtetatik hona zera gertatzen ari da: poliziak bahitu egiten ditu adin txikikoen pasaporteak eta pasaportea bihurtzen dute delitu baten froga, dokumentazio faltsua izatea egozten dietelako". Beraz, zalantzan jartzen dute adin txikikoa denik, eta hezur frogak egiten dizkiete. Estonbak froga hauek zalantzan jarri ditu: "Zientifikoki onartuta dago hezur froga ez dela objektiboa: alderatze patroia gizonezko kaukasiarrena da, gizon edo emakumezko afrikar batek ez du patroi bera beteko. Hori Osasunaren Munduko Erakundeak esaten du! Eta oso inbasiboa da: eskumuturraz gain hortzak begiratzen dizkiete, barrabilak edo alua garapena ikusteko... esklabotza garaia ekartzen du gogora". Adin txikiko hauen adina zalantzan jarria izan denez, Aldundiaren ardurapeko izateari uzten diote eta kale gorrian geratzen dira. Gomezek Aldundiaren jokabidea salatu du: "Oso larria da. Gipuzkoako lege foralak dio adin txikikoak babestu egin behar direla, eta praktikan ikusten dugu poliziak Aldundiak kudeatzen dituen zentroetara sartzen direla baimen judizialik gabe, galdeketa irregularrak egiten dizkietela adin txikikoei hezitzaileak aurrean egon gabe... eta Aldundiak ez du ezer egiten horiek eragozteko. Borroka judizial hori ere egiten ari gara, Aldundiak adin txikiko hauen tutela berreskuratu dezan".
Naziru da egoera hori bizi izan duenetako bat [goiko bideoan ikusentzun daiteke bere testigantza]: "Lehen nire herrialdeko pasaportea nuen, enbaxadan ateratakoa. Donostiako adin txikikoen UBA zentrora iritsi eta astebetera Espainiako Poliziak etorri ziren zentrora eta pasaportea kendu zidaten faltsifikatua zela esanaz. Polizia etxean pasatu nuen gaua eta biharamunean epaitegira joan ginen abokatuarekin. Epaileak esan zuen: poliziek diozue gazte honek ez duela pasaporteak dioen adinaren itxurarik, eta aurpegian ez omen duela pasaporteko argazkian duen markarik, baina nire ustez bai, adin hori dirudi eta marka badu. Esan zidan itzuli nintekeela UBAra, baina pasaportea enbaxadara bidaliko zuela, egiazkoa zen frogatzera. Zortzi hilabete egon gara zain eta enbaxadatik gutuna jaso dugu egiazkoa dela esanaz. Oraindik ez didate pasaporterik itzuli. UBAn denetik dago, badira bere lana ondo egiten duten langileak. Ni ez ninduten ondo tratatu. Ziur nago beraiek deitu zietela poliziei nire bila etortzeko".
Mahmud: "Bi urte eman ditugu epaiketetan, gogorra izan da. Lortu dugu epaileek esatea pasaportea ez zela faltsua, adin txikikoa nintzela"
Mahmudek ere badaki zer den trantze hori: "Arrasateko kalean nengoen egun hartan. Poliziak etorri zitzaizkidan pasaporte eske. Adin txikikoen egoitzako buruak bazekien zer gertatzen zen, nire pasaporteaz galdezka deitzen baitzioten, baina niri ez zidan ezer kontatu. Poliziei pasaportea eman nien eta bost minuturako erantzun zidaten faltsua zela. Egun gutxi batzuk beranduago, klasean nengoela, poliziak bila etorri zitzaizkidan. Eskuburdinak jarri zizkidaten eta hor hasi zen historia osoa. Bi urte eman ditugu epaiketetan... gogorra izan da. Borrokatu dugu eta lortu dugu epaileek esatea pasaportea ez zela faltsua, adin txikikoa nintzela".
Irtenbidea: guztiontzako eskubide berak
Estonbak adierazi du errealitatea onartzea dela konponbiderako lehen urratsa: "Jendea beren herrialdeetatik kanporatzen ari gara. Soluzio bide bakarra beste herrialdeei lapurtzeari uztea da. Utopia hori iritsi bitartean, irtenbidea migrazio fluxuak existitzen direla onartzea da. Aldundietan, udaletan, ez dago etorkinentzako bulegorik. Zergatik ez?". Agirrek Irungo Harrera Sareak hasieratik eskatu duena aldarrikatu du: "Harrera duina eta integrala. Praktikan erakutsi dugu posible dela. Eta hori ez da administrazioa egiten ari. Bestela guk ez genituzke bazkariak egingo, edo arropa kudeatuko, edo gaixo daudenen jarraipena egiteko lantalderik osatuko". Santxok Bilboko Hiritarren Harrera Sarearen helburua lorgarria dela nabarmendu du: "Herri mugimenduak gaitasuna baldin badu bere baliabide apurrekin harrera integral bat garatzeko, erakundeek diru publikoarekin eta dituzten baliabideak kontuan hartuta, inguruko GKEekin, herritar antolatuekin harremanetan... borondatea izanik, Bilbo Harrera Hiri bihurtzea oso erraza litzateke".
Gonzalez: "Migratzeko arrazoiak anitzak dira eta denak zilegi. Oinarri oinarrizkoa da bizitza on baterako eskubidea"
Administrazioak baliabideak banatzerakoan bereizi egiten ditu migratzaileak, kasuistikaren arabera: asilo eskaera egin duten errefuxiatuak, adin txikikoak, "aldi baterako trantsitoan" daudenak, zaurgarritasun egoeran dauden ume eta emakumeak... Gonzalezi hori "terriblea" iruditzen zaio: "Miseria sailkatzea da, batzuei apur batzuk emateko eta beste batzuei beste apur batzuk. Migratzeko arrazoiak anitzak dira eta denak dira zilegi. Oinarri oinarrizkoa da bizitza on baterako eskubidea. Eta nortzuk dira eskubideen subjektu? Norbanako guztiak. Batez ere, gure ongizatea besteen miseriaren gainean eraikia dagoenean. Hori ari zaizkigu migratzaileak bistaratzen, uneoro". Agirrek ere irtenbidea pertsona
guztientzat aterpea dela esan du, sailkapenik egin gabe: "Kalean bizi den jende guztiarentzako bilatu behar da soluzioa. Guk ez ditugu eskubide bereziak eskatzen inorentzat, migranteentzat ere ez. Alderantziz, eskatzen duguna eskubide berdintasuna da, eta dagoena, guztiontzat egotea. Irunen hainbeste biztanle izanik, oraindik ez dago albergerik ere kalean bizi direnentzat". Estonbak ere politika integralak eskatu ditu: "Ghanatik etorritakoa izan edo Donostiako Bidebieta auzoan jaiotakoa izan, 16 urterekin bertan bizi diren denek eskubide berak edukitzea. Zergatik sektorizatu dena?". Gomez bat dator eskubide guztiak guztientzat izatearekin, baina babes berezia eskatu du adin txikikoentzat.
Anaitze Agirre, Irungo Harrera Sareko kidea, Lakaxita gaztetxe atarian: "Kalean bizi den jende guztiarentzako bilatu behar da soluzioa. Guk ez ditugu eskubide bereziak eskatzen, inorentzat".
... eta elkartasuna piztu zen
Uda honetan Hiritarren Harrera Sareak sortu dira Bilbon, Donostian eta Irunen. Bilboko sorrera azaldu du Santxok: "Ekainaren 28an hasi ginen, kasualitatez. Errefuxiatuak Ongi Etorri taldeko kide batek 40 migratzaileko autobus bat detektatu zuen. Berez Espainiako Gurutze Gorriak Euskadiko Gurutze Gorriarekin koordinatu behar ditu autobusak, geltokira bila joan eta migratzaileak Gurutze Gorriaren dispositiboetara eramateko. Baina han ez zegoen Gurutze Gorriko inor, 40 lagun zeuden noraezean. Bilbon behin baino gehiagotan eman den egoera da. Ongi Etorriko hainbat pertsonarekin hitz egin zuen kide honek, eta bote-prontoan erabaki genuen lehen harrera dinamika martxan jartzea". Etorri berriei oinarrizko bizi-baldintzak bermatzeko espazioa zabaldu zuten Karmela gune autogestionatuan eta herritarrei dei egin zieten janaria eta arropa ekartzeko, txandak egiteko... Biharamunean, Bilboko Udalari bilera eskatu zioten, egoeraren inguruan eta udalak jarriko zituen baliabideez hitz egiteko. Aktibatutako elkartasun herritarraren ondorio izan zen erakundeen erantzuna: bi egunera Gurutze Gorriak 44 lagunentzako dispositiboa ireki zuen Concha Generala kalean, "baina ez zien erantzuten zeuden beharrei. Beraz, guk gure mekanismoak praktikan jarri behar izan genituen behar horiek ase eta presio mekanismo bilakatzeko" azaldu du Santxok.
Irungo Harrera Sarearen sorrera ere "inprobisatua, kasualitatea" hitzekin definitu du Agirrek: "Uztailaren erdialdean hasi ginen, 20 bat lagunek 15 egun zeramatzatelako geltokian botata. Inork ez zien kasurik egiten, ez baleude bezala! 'Hemen jende hau dago bazterkeria egoeran, gainera muga ezin pasa, eta zerbait egin beharko da' pentsatu genuen". Gaueko 00:00etan hartu zuten hainbat elkarteetako kideek (SOS Arrazakeria, Errefuxiatuak Ongi Etorri, Irungo beste hainbat elkarte... ) erabakia: biharamunean gosari solidarioa egingo zuten. Esan eta egin. Hurrengo goizean geltokira joan, bertan zeudenei proposatu eta denen artean Udaletxe atarian egin zuten gosaria. Medioetan oihartzun handia izan zuen. Lehen une hartan hasi eta uda osoan, Udalaren jokamoldea beti bera izan dela esan du Agirrek: "Udala agertzen da, bai, eta gauzak egiten ditu, baina beti herri ekimenaren atzetik, inprobisatuta, eta era diskrezionalean (segun noiz bai eta segun noiz ez)".
Iñigo Santxo: "Guk ez dugu asistentzialismorik egiten, guretzat harrera ekintza politiko, intsumitu desobedientea da. Erakundeek bete beharko luketen hori egiten dugu, baina presio mekanismo izatea da helburua"
Bilbon, Donostian eta Irunen sortu diren Hiritarren Harrera Sareek, oso argi dute harreraren ardura erakunde publikoena dela, eta herritarren sarearen helburua ez da hauek ordezkatzea. Agirre: "Harrera Sarean terreno gainean ari gara lanean, erabili dezatela erakundeek energia eta lehen eskuko informazio hori harrera hobetzeko eta benetan duina eta integrala egiteko". Santxok horrela definitu du Bilboko sarearen helburua: "Guk ez dugu asistentzialismorik egiten, guretzat harrera ekintza politiko, intsumitu desobedientea da. Erakundeek bete beharko luketen hori egiten dugu, baina presio mekanismo izatea da helburua. Horregatik egiten ditugu mobilizazioak, eta sozializazioa eta kontzientziazioa bultzatzen dugu". Bilboko Hiritarren Harrera Sareak izan duen bilakaera da presioa egiteko bokazio horren adibide: "Errefuxiatuak Ongi Etorri taldeak hartu zuen beregain hasierako 15 egun haietan harrera politiko dinamika hau, baina talde barruan eztabaidatu egin zen funtzioen inguruan eta erabaki genuen funtzio politikoetan zentratu behar ginela, salaketa, sentsibilizazioa eta interpelazio politiko-instituzionala eginez. Eta bestetik, auzoek bete nahi izanez gero ordura arte Ongi Etorrik eginiko harrera lanketa politikoa, haien esku geratuko zela. Harremanetan jarri ginen Atxuriko auzotarrekin, eta horrela egin zen jauzia Harrera Auzoen logikara. Geroztik hiru auzotan egin du bidea, Atxuri, Bilbo Zaharra eta Santutxun. Auzoak sentsibilizatzeko eta presioa zabaltzeko balio izan du".
Erakundeei beren ardura betearazteko, bai Bilbon, Donostian eta bai Irunen, migratzaileek bete beharreko baldintza da Hiritarren Harrera Sareko baliabideak erabiltzen hasi aurretik Gurutze Gorriko aukera denak baliatzea: ahalik gau gehien han lo egitea, otordu-txartelak erabiltzea...
Asistentzialismorik ez. Autoantolaketarako erremintak garatuz
Etorri berriekin bizitzako une batzuk partekatzea ekarri dute Hiritarren Harrera Sareek. Nolako harremanak eraiki elkarren artean? Agirrek etnozentrismoaz kontziente izatea ezinbestekoa dela dio: "Karitatetik aldendu nahi dugu. Joera paternalista eta biktimizatzekoa agertzen zaigu, eta nire buruari errepikatzen diodan esaldia da: mundu erdia egin du, muga pila bat gainditu ditu, polizia... bere kasa gu baino hobeto moldatzen da. Baina lanketa egitea ez dago sobera, etnozentrismoan heziak izan gara, eta gure burua hautematen dugu iparraldeko eta txuri, eta besteak hautematen ditugu gaixo, beltz eta herrialde 'atzeratuetatik' etorriak". Begirada kritikoari eusten dio Lakaxitako egunerokotasunean, baina balantzan jarriz gero, alde positiboak askoz ere pisu handiagoa izan duela nabarmendu du: "Izugarria da hain denbora gutxian zenbat gauza egin diren, eta gainera zein ongi atera diren! Formazioa behar dugu, edo irizpide bateratuak, baina egunerokoan ez da denborarik egon hori egiteko".
Iñigo Santxo, Bilboko Hiritarren Harrera Sareko kideak azaldu digu bere sorrera eta bilakaera.
Santxo: "Hasieratik argi genuen Bilboko Hiritarren Harrera Sarearen dinamikak horizontala izan behar zuela eta botere harreman zuri, heterosexual eta klasistak suntsitu behar genituela"
Santxok honela azaldu du Bilboko Hiritarren Harrera Sarean egin duten lanketa: "Hasieratik argi genuen dinamikak horizontala izan behar zuela eta botere harreman zuri, heterosexual eta klasistak suntsitu behar genituela. Hasieratik asanbladan antolatu gara, jakinik boterea deseraikitzea prozesu bat dela, ez dela egun batetik bestera egiten. Kontzientzia hartuz, pixkanaka pausoak eman ditugu". Hasierako asanbladak "nahiko katastrofikoak" zirela kontatu du: "Ohitura faltagatik, nekeagatik, bidaia luzea izan zutelako, oso berandu egiten genituelako... oso parte-hartze txikia zuten. Orain, afaldu aurretik egiten dugu asanblada, efizienteago da, eta parte-hartzea handia. Eta orain migratzaileak dira sukaldeko eta garbiketako txandak antolatzen dituztenak". Boluntarioek harrera integral batek eskatzen dituen eremu anitzetan "akonpainamenduak" egiten dituztela azaldu du: gaztelania ikastaroak, medikuarengana joateko akonpainamendua (osasun publikoko langile kontzientziatuek bidea errazten dietela azaldu du), asiloa eskatzeko akonpainamendua eta baita asistentzia juridikoa ere, baina azken hau esperientzia pertsonalen bidez; hemen urte gehiago daramatzaten migratzaileek eskarmentua dute paper kontuetan eta haien esperientzia partekatzen dute: "Akonpainamendua ere migratzaileek egitea da helburua. Haien arteko elkartasuna praktikan egikaritzeko modua da. Boterea deseraikitzeko eta menpekotasunaren logika hausteko, emeki-emeki ematen ari garen pausoa da".
Agirre: "Saiatzen ari gara Irunen bizitzen denbora bat daraman jendea Lakaxitako lantalde guztietan txertatzen. Hori da normalizazioa eta berdintasunean parte hartzea. Gainera, askoz eraginkorragoa da"
Irunen lantaldeka antolatu dira eguneroko beharrei erantzuteko: harrera eta informazio lantaldeak egunero ematen du kale buelta, hirira jende berririk etorri den ikusteko, eta hauei dituzten aukerez informazioa emateko. Sukalde lantaldea ere badago, osasun jarraipena egitekoa, arropa, komunikazioa, eta hizkuntzak irakasteko taldeak. 125 herritar ari dira dinamika horretan lanean, eta Agirrek balioan jarri ditu parte hartzeko beste moduak ere: "Jende asko dago arropa edo dirua ematen duena. Jendea mugitzen ari da, bakoitza bere parte hartzeko moduan". Irunen ere migratzaileen autogestioa sustatzen dute: "Saiatzen ari gara Irunen bizitzen denbora bat daraman jendea Lakaxitako lantalde guztietan txertatzen. Hori da normalizazioa eta berdintasunean parte hartzea. Gainera, askoz eraginkorragoa da harrera egitera beltz batekin agertzea. Gu inguratzean uzkurtu egiten dira, eta gure lehen hitza izaten da 'ez gara polizia'".
Oier Gonzalez, kale hezitzailea: "Bizitza ezberdinak elkartzea da gakoa, eta hori gertatzeko marko bat eraikitzea".
Gonzalezek horrela azaldu du nola eraikitzen dituen migratzaileekiko harremanak: "Enkontruan dago gakoa, elkar entzun eta elkar ulertzean, beti. Administrazioaren eta herri mugimenduaren arteko ezberdintasuna horixe da: administrazioak bere ekintza marko formalera mugatzen duela, aldiz, herri mugimenduak marko hori gainditzen du eta harremanean oinarritzen da. Bizitzaz ari gara, eta ezin da pertsona bat zatikatu bulegoko lanorduen arabera. Benetako enkontruak eragin egiten zaitu, zu nolakoa zaren eta nola eraikia izan zaren pentsarazten dizu, eta hortik benetako hartu-eman bat sortzen da. Bizitza ezberdinak elkartzea da gakoa, eta hori gertatzeko marko bat eraikitzea. Donostiako Txantxerreka adibide bat izan daiteke".
Hiru gauez lo egiteko egoitzak eta karitatearen negozioa
Gurutze Gorriak kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzaren larrialdiko aldi-baterako harrera zerbitzuak. EAEn 213 leku daude: 88 Bilbon, 35 Gasteizen, 30 Donostian eta 60 Irunen. Administrazioak fundazio pribatu honen bidez, migratzaileak artatzeko ardura esternalizatu egin duela salatu du Gonzalezek: "Zerbitzu sozialen pribatizazioaren logika jarraituz eginiko operazioa da. Kudeaketak publikoa izan behar zuen. Badakigu zer dakarren pribatizazioak, gutxieneko kostea eta ardura zero. Aldi berean, Gurutze Gorria kontuz ibiliko da kritikak egin eta egoerak publikoki salatzerakoan. Autokontrola nagusitzen da".
Santxo: "Abuztuaren 27ko astean 20-30 lagun egon ziren Bilbon 88 lagun artatzeko espazioa duen Gurutze Gorriaren egoitzan, eta Hiritarren Harrera Sareak kudeatutako Karmelan 120-145 lagun artean egon ziren afaltzen eta lo egiten. Nahiago dute Gurutze Gorriaren oheak hutsik egotea, hiru egunez egon den pertsonari laugarren gaua egiteko aukera ematea baino"
Erakunde publikoek jarri duten irizpideetako bat da iritsi berri diren migratzaileek Gurutze Gorriak kudeatutako egoitzetan ezin dituztela hiru gau baino gehiago egin. Herri mugimenduaren presioaren ondorioz, bost gauera luzatu zuten epea abuztuan, baina Santxok salatu du Bilbon ez zirela bost gauena betetzera iritsi. Orain, atzera hiru gauetara murriztu dute egonaldia erakundeek. Arau horrek eragiten duen kontraesana jarri du mahai gainean Santxok: "Guk dakigula, Bilbon oso gutxitan egon dira Gurutze Gorriko ohe denak beteta. Abuztuaren 27ko asteko datuak oso esanguratsuak dira: 20-30 lagun egon ziren 88 lagun artatzeko espazioa duen Gurutze Gorriaren egoitzan, eta Hiritarren Harrera Sareak kudeatutako Karmelan 120-145 lagun artean egon ziren afaltzen eta lo egiten. Nahiago dute Gurutze Gorriaren oheak hutsik egotea, hiru egunez egon den pertsonari laugarren gaua, bosgarrena, seigarrena egiteko aukera ematea baino". Agirrek Irunen antzera gertatzen dela esan du: "Izan dira egunak Gurutze Gorriak kudeatutako Lekaenean hamasei pertsonak lo egin dutenak eta Harrera Sareak kudeatutako Lakaxita gaztetxean hamabostek, toldo azpian. Negua ate-joka dela, hiru eguneko muga lazgarria izan daitekeela gehitu du: "Jendeak jarraituko du etortzen. Neguan ere kalean utziko ditugu, oheak libre dauden bitartean?".
Trantsitoan daudenen kasuan ere, aski al dira bost egun, iparraldeko herrietaranzko ibilbidean? Gonzalezek dio agian batzuentzako nahiko izango dela eta beste batzuentzako ez: "Hori da etorri berriak esan behar duena. Galdetzen zaie? Zein dira haien desirak? Bizipen oso bortitzak nozitu dituen pertsonak Espainian lur hartzen du eta astebetera Donostian dago. Erabat galduta. Agian bost egun horiek zoramenetik, superbibentzia oinarrizkotik arnasa hartzeko izan litezke, edo ez". Santxok tinko dio egun horiek ez direla nahikoa: "Bidaia prestatzeko ere denbora behar dute: nola mugituko diren antolatu, lan txukun bat bilatu pixkanaka dirua lortu eta bidaia ordaintzeko, iparralderago duten familiarengana badoaz haiekin harremanetan jarri, familiak dirua baldin badu hona bidali arte itxaron...". Irunen dakite ondoen trantsitoaren berri. Agirrek honela kontatu du: "Ondo bidean, Lakaxitan migratzaile bakoitzarekin dugun harremana oso egun gutxitarako da. Baina pasoan dagoenak ere bost egun baino gehiago behar dituela ikusten ari gara. Zergatik? Muga itxita dagoelako. Bada jendea muga pasatzen lau aldiz saiatu eta lau aldiz itzuli dutena. Baionan edo Bordelen harrapatuta ere Irunera ekarri dituzte beste batzuk...".
Irunen uda osoan pasa diren migratzaileetatik bertan gelditzea planteatzen ari direnak lauzpabost dira. Aldiz, Bilbora iritsitakoen artean geratzea erabakitzen dutenen kopurua askoz handiagoa da
Irunera jotzen duten migratzaileek muga zeharkatzea dute helburu: "Jende gehiena Afrika mendebaldetik dator, frankofonoak dira kolonia zirelako eta Frantzian dute komunitatea. Hara iritsi nahi dute, edo bestela iparralderago, bizi baldintzak hobeak direlako. Uda osoan pasa direnetatik Irunen bertan bizitzen gelditzea planteatzen ari direnak lauzpabost dira. Baina horiei ere soluzioa eman behar zaie". Aldiz, Bilbora iristen diren migratzaileen artean, bertan geratzea erabakitzen dutenen kopurua askoz handiagoa da. Santxok ohartarazi duenez, "horiek dira erakundeek beren diskurtsoetan ahazten dituztenak. Asilo politikoa eskatzen dutenen kopurua gorantz doa. Eta asilorik eskatu gabe ere Bilbon hilabete daramaten lagunak, beren burua Bilbon kokatzen ari dira emeki-emeki. Haien asmoa Europara iristea zen, eta hori lortuta, bakoitzak bere hausnarketa berritu behar du, eta batzuk Bilbon geratzea erabakitzen dute, gustura daudelako, bertan badelako komunitate afrikar indartsu bat bere sarea duena, lan munduratze bat badelako oso prekarioa izan arren...".
Lortutakoa asko, egiteko gehiago
Agirre: "Jende asko pasatu da Irungo gaztetxetik bestela pasatuko ez zena. Era guztietako jendea dabil etengabe, adinez (20 urtetik jubilatuetara), jatorriz, ideologiaz... hori bonba bat da, eta funtzionatzen du. %90 emakumeak gara, gehien gehiengoa. Feminismotik esaten dena, bizitza zentroan jarri eta hortik politika egin behar dela, konkretatzen ari da esperientzia honetan"
Agirrek azaldu du Irungo Harrera Sarearen hilabeteotako lorpena: "Jende asko pasatu da gaztetxetik bestela pasatuko ez zena. Hemen sortu dena oso berezia da. Era guztietako jendea dabil etengabe, adinez (20 urtetik jubilatuetara), jatorriz, ideologiaz... hori bonba bat da, eta funtzionatzen du. %90 emakumeak gara, gehien gehiengoa. Feminismotik esaten dena, bizitza zentroan jarri eta hortik politika egin behar dela, konkretatzen ari da esperientzia honetan". Urte askoan migratzaileen gaia lantzen ari diren elkarteei irakaspenik ekarri diela azpimarratu du: "Mobilizazioa herritarren artean eta espontaneoki sortu da, ez da elkarteen ekimen planifikatu bat izan. Biak behar dira, lan iraunkorra egiten duten taldeak, baina hainbeste jenderen parte-hartzea sustatzen duten ekimenak ere bai. Gosari hura egin ez bagenu, non geundeke? Betiko moduan prentsaurrekoa deitu bagenu manifestu bat irakurtzeko eta bilera eskatzeko gizarte gaietako zinegotziarekin, hainbeste jende inplikatuko zen lanean? Ni gozatzen ari naiz. Pilak erabat kargatuta nabil, ekimenarekin maiteminduta". Gonzalezek ere emozioak jarri ditu balioan: "Ezkertiar eta abertzale moduan, azken urteetan erdi itzalian genuen emozioa da agian esnatu dena, jendea motibatuta ikusten dut eguneroko praktikan. Horrek ekartzen duen astindua, nor garen-eta pentsatzeko, handia da. Gainera, elkartasun aukerak sortzen ditu. Errepresioaren jo-puntua kolorez aldatzen ari da, eta gure ibilbide militanteak eskainitako jakintza eta praktikak artikulatzeko eremu berri bat izan daiteke. Beste aukera bat, zubiak eraikitzeko".
Santxo: "Migratzaileen barne historiak entzuteak azkartzen du ditugun balio klasista, heteropatriarkal eta arrazistak deseraikitzeko prozesua".
Santxok dio Harrera Sareen dinamikak balio izan duela barneratuta ditugun balio klasista, heteropatriarkal eta arrazistak deseraikitzeko: "Migratzaileekin hitz egiteak eta haien barne historiak entzuteak deseraikitze prozesu hori azkartzen du". Jende askorentzat herri mugimenduetan parte hartu duen lehen aldia izan dela azaldu du eta errealitateaz kontzientzia hartzeko balio izan duela: "Egun bada klase ertainaren ideal oso zabaldua, gizarte parekide batean bizi garela, eskubide guztiak guztiontzako daudela bermatuak, ez dela jendarte arrazista... praktikan ikusten dugu ezetz. Proiektuaren parte sentitzeak ekarri du asebetetzea, harrotasun apal bat. Jendea ahalduntzen ari da eta badaki botere normatiboari kontra egiten ari dela eta herri boterean kokatutako logikan diharduela".
Gonzalezek epe ertainera luzatu du begirada: "Zer baliabide sortu ditzakegu Euskal Herrian, ekonomia sozial eraldatzailetik adibidez, ekonomia sortzeko? Badaude esperientziak"
Uda honetan loratu diren Hiritarren Harrera Sareek badute lanik hasi berri den ikasturtean. Lakaxitako eguneroko dinamikatik begiratuta, opor ostea inkognita da Agirrerentzat: "Lanak eta lantaldeak ordenatu nahi ditugu, bakoitzak antolatu dezan bere ikasturtea, duen denbora eta aukeren arabera. Abuztua garrantzitsua izan da taldea egonkortzeko, jendea libreago zegoelako. Hemendik aurrera? Ikusteko dago zer gertatuko den". Santxok iragarri du ikasturtea hastearekin Bilboko ekimena beste fase batean sartzeko garaia iritsiko dela: "Lehen fasea izan zen Ongi Etorrirena, bigarren fasea da Harrera Auzoen dinamika, eta beste fase bat prestatzen ari gara, tentsioa igoko duena, gatazka urbanoa gehiago piztuz, baina harrera politikoaren logika intsumitu autogestionatuari eutsiz. Bertan bizi eta lan egiteko eskubidea praktikan jartzearekin du zerikusia". Gonzalezek epe ertainera luzatu du begirada: "Zer baliabide sortu ditzakegu Euskal Herrian, ekonomia sozial eraldatzailetik adibidez, ekonomia sortzeko? Badaude esperientziak: Bartzelonan Alencop, txatarra biltzeko kooperatiba edo Diomcoop, kale saltzaileen kooperatiba, Bartzelonako udalarekin elkarlanean". Euskal Herrira etorrita, Buruntzaldean egiten ari diren lana ekarri du gogora: "Tokiko administrazioa, EAEko enplegu zerbitzuak, eta hirugarren sektoreko elkarteak lankidetzan hasi dira integraziorako ibilbide profesionalak eskaintzen, kooperatiben sorrera sustatzen... Egitura badago eta borondatea ere bai". | news |
argia-e81f39000e4b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/jordi-pesarrodona.html | "Eraso faxistak eteteko gai izango da Kataluniako mugimendu baketsua" | Saioa Baleztena | 2018-09-30 00:00:00 | "Eraso faxistak eteteko gai izango da Kataluniako mugimendu baketsua"
Irailaren 20an Espainiako Poliziak Generalitatearen Herrizaintza Sailean egindako miaketak salatu asmoz sudur gorria jantzi zuen guardia zibilen aurrean Jordi Pesarrodonak (1960). Pailazoa eta Sant Joan de Vilatorradako kultura zinegotzia (ERC) da. Urriaren 1ean, bere herriko eskolan erresistentzia egiteagatik auzipetu zuten. Lau delitu egotzi zizkioten: desobedientzia, autoritatearen kontrako erresistentzia larria, lidergo iskanbilatsua eta gorrotoa sustatzea.
Zertan da zure auzia?
Auzia probisionalki artxibatu ondoren, eta helegitea aurkezteko epea amaitzear zela, Manresako Fiskaltzak helegitea jarri eta orain zain gaude, Guardia Zibilaren salaketa faltsuaren ondorioz egozten zizkidaten hiru delituen ebazpena jakiteko.
Urtebete igaro da. Zer moduz zaude?
Jendearen babesari esker, ongi. Milaka lagunek jarri pailazo sudurrek eta adierazitako elkartasunak itxaropena ematen dute. Aitortu behar dut hasieran beldur nintzela mobilizazioa desaktibatzeko zegoen arriskuagatik, baina agerian da mobilizazioak luze iraungo duela.
Urtebete igaro da guardia zibilen ondoan pailazo sudurra jantzi zenuenetik. Zein irakurketa egiten duzu?
Sekula ez nuen imajinatuko, 1993an protesta sinboliko bera Bosniako mugaldeko soldadu batekin egin ondoren, bake aldarri eta armen erabileraren kontra pailazo sudurra jartzeagatik, Espainiako Estatuak auzipetuko ninduenik. Perspektibaz begiratuta, leziorik garrantzitsuena da gisa honetako ekimen sinboliko baketsuak ezinbestekoak direla, baina, ekarriko zituen ondorioak kontuan hartu gabe ezin direla egin.
Damu zara?
Inolaz ere ez, berriro ere egingo nuke. Baina, hori bai, Katalunian testuingurua dagoen bezala egonik, ezinbestekoa da zentzu guztietan aholkatuta eta babestuta jokatzea.
Gerora etorriko zen urriaren 1eko polizia erasoa. Espero zenuen?
Miaketen ondorengo gauean sentsazioa izan nuen nire kontra etorriko zirela. Nik ordura arte ez nuen herio mehatxurik jaso, eta gau hartan milaka jaso nituen, tartean Guardia Zibilaren forotik, orain ilegaltzat jo dutena. Hori bai, ez nuena espero zen Polizia hiritarren kontra kolpeka hastea. Ikaragarria izan zen.
Argazkia: Jordi Borràs
Carles Puigdemont-ek bozkatzen zuen eskolari eraso egin zioten lehendabizi, eta bigarrena zurea izan zen. Zergatik?
Ni nintzelako. Nire herrira etorri zen Guardia Zibilaren komandoak gerora baieztatu zuen bezala. Pailazo sudurra jarri izatearen mendekua bilatzen zuten, eta lortu dute.
Erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso faxistek uda markatu dute. Zer deritzozu?
Erasoak ez dira asko izan, baina, bai basatiak. Nire kasuan bi eraso mota sufritu ditut. Batetik, orain arte herrian estimatua nintzen eta azkenaldian bizilagun asko etorri zaizkit garrasika. Bestalde, eraso fisikoak ere nagusitu dira. Preso politikoak Lledoners espetxera ekarri zituztenean, adibidez, CDR-etako mutil bati eraso egin zioten eta erasotzaileak lasai eta aske daude.
Zein da halako erasoak saihesteko gakoa?
Kataluniako mugimendu baketsua gai izango da baita eraso faxista horiek eteteko ere. Epez kanpo dagoen Espainiako Estatuko azken txinpartak bizi ditugu. Lazo horiak kentzen dituzten oldarkortasun berarekin kendu nahiko ligukete lepoa. Gomendio bat ematen diet: har dezatela independentismoa eredutzat eta izan daitezela sortzaileagoak haien aldarrikapen faxistak egitea.
Zure auzia, zoritxarrez, ez da bakarra. Valtonyc azkenik ez dute estraditatuko.
Beste behin agerian gelditu da Espainiako justiziaren gaitasun eza. Espainian ideiak jazartzen ari dira eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso irmoa besterik ez da Valtonyc auzia, diktadura garaian ere parekorik ez duena. Edozein modutan, berri ona da Europako justizia jokoz kanpo uzten hasi izana Espainian gertatzen ari dena.
Zenbateraino da mesedegarri zeure alderdiak babestu zuen Espainiako gobernu aldaketa?
Zentsura mozioa albiste ona izan zen Espainiarentzat, baina ez Kataluniarentzat. Sanchez Rajoy baino hobea da, baina, sozialistak gatibu egongo dira. Orain arte eginiko urratsekin egiaztatzen da PPk errepresioa egin duela aurpegia estali gabe, eta, PSOEk, aldiz, estalita.
Zer gertatuko da hemendik aurrera?
Denbora behar izan dugu indarrak hartzeko, udazkenean hamaika ekitaldi baketsu antolatuko dugu. Bi aukera daude, azken 70 urtetan ikusi ez den errepresio bortitzaren gorakada ala Kataluniako Errepublikaren eraketa. Eta esango nuke, uste baino gertuago eratuko dugula Kataluniako Errepublika. | news |
argia-2b514f852d0d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/miren-gaztanaga-hemen-eta-orain-aktore.html | "Antzerkia egiten hasi nintzenean ez nekien hori hautatzen ari nintzenik bizibide moduan" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-09-30 00:00:00 | "Antzerkia egiten hasi nintzenean ez nekien hori hautatzen ari nintzenik bizibide moduan"
Antzerki fisikoan eta dramaturgia ez-konbentzionaletan zaildu zen Miren Gaztañaga; azken asteotan, ordea, teatro-testuak ikasi eta ikasi dabil. Hedda Gabler eta Lady Macbeth gorpuztuko ditu aurki Arriagako oholtzan. Pozik ari da, orain arte ez omen du-eta halako obra klasikorik egin. 20 urtetako ibilbidearen ostean, badu nahikoa indar desafio berriei heltzeko.
Wikipediak dio 1979an jaio zinela eta 1999an hasi zinela antzerkian. Zer gertatu zen bitarteko 20 urte horietan? Zer duzu gogoan?
Gogoan daukat alaba bakarra nintzela. Lagunak neuzkan baina era berean denbora asko pasatzen nuen bakarrik jolasten.
Irudimenarekin jo eta su?
Klaro, asko eragiten nion. Etxean jolasten nuenean beti bakarrik egoten nintzen eta sekulakoak muntatzen nituen. Balkoian animaliak neuzkala irudikatzen nuen adibidez. Jolas asko egiten nuela gogoratzen dut. Eta kanpokoa gustatzen ez zitzaidanean, barruko mundu horretan sartzen nintzen.
Nolatan erabaki zenuen Arte Ederrak ikastea?
Amari esan nion Arte Dramatikoa ikasi nahi nuela; hark esan zidan hori ez zela karrera bat, eta orduan hasi nintzen: Arte… Arte… Arte Ederrak. Eta hori Bilbon zegoenez, bada aurrera. Karrerako lehenengo urtean lagun batek aipatu zidan antzerki-ikastaro bat egingo zutela UEUn eta hara joan nintzen zuzenean.
Garbi zeneukan hori zela zure bidea?
Arte Ederrak ikasi arren, antzerkian neukan begia, baina ez zen kontzientea, instintiboa baizik. Antzerkia egiten hasi nintzenean ez nekien antzerkia hautatzen ari nintzenik bizibide moduan, inondik ere.
Eta zer gertatu zen antzerki-ikastaro hartan?
[Ander] Lipusek eman zuen ikastaroa, nik ez nuen ezagutzen. Joan nintzen eta hantxe ikusi nuen ilea hainbat kolorez tindaturik… ez nuen besterik behar! Pozarren sartu nintzen, dena ematera. Zerbait neukan hor, ateratzeko zain, ez nekien oso ondo zer zen, baina hor zegoen eta aukera etorri zitzaidanean… bum! Lehertu egin zen.
Argazkia: Dani Blanco.
Handik gutxira sartu zinen Antzerkiola Imajinarioan.
Ikastaroan Lipus ezagutu nuen, jakin nuen Bilbon zegoela, eta ni ere han ari nintzenez ikasten, bada esan nion zeozer egiten bazuten, abisatzeko mesedez. Atzetik ibili nintzen. 1998an egin zuten lehenengo tailerra, ni 1999an apuntatu nintzen, eta urte hartan egin genuen 8 olivetti poetikoak , Antzerkiolak talde handi moduan egindako lehenengo lana.
Zer eman zizun Antzerkiolak?
Hori izan zen nire eskola. Antzerki konpainia horren dinamika honelakoa zen: zeozer egin nahi baldin baduzu, egin ezazu, ez itxaron inork deitu arte. Ni geroago hasi naiz horretan, behar izan nituen urte batzuk konfiantza hartzeko eta gogoa izateko benetan, baina taldean oso hurbiletik ikusi nuen sorkuntza-prozesua: nola joaten zen sortzen musika, testua…
Nola egiten den antzezlan bat, azken finean.
Bai, guztiz. Gero, gainera, kooperatiba sortu genuen, eta horrek izugarrizko formazioa eman dit, aritu naiz aktore, produkzio-laguntzaile, bulegari… hamar mila gauzatan. Ezagutu nuen zer den ofizioa.
Dramaturgiaren ikuspegitik ere izan al zen eskola?
Non erortzen zaren, zurekin dakarzun hori moldatu daiteke, moztu, ala azpimarratu. Ni oso fisikoa naiz berez, eta Antzerkiolan asko indartu zen hori. Lan fisikoari garrantzia ematen zitzaion. Kontatzen genituen istorioek, zorionez, ez zeuzkaten dramaturgia klasikoak, eta ni hasi nintzen kontatzen istorioak modu ez-konbentzionalean. Antzerkiolak eman dit hori. Konbentzionaltasuna ez zait txarra iruditzen, baina taldean lantzen genituen ohiz kanpoko pertsonaiak, gorputz desestrukturatuak, itsusitasuna… Plazer handia zen.
Amaitu zen, ordea.
Bai, 2007an bukatu zen. Gero beste antzerki-obra bat egiteko bildu ginen, baina ez genuen talde-dinamikarekin jarraitu. Antzerkiolaren amaiera inflexio-puntu nahiko potentea izan zen. Ni han oso babestuta nengoen, zerbaiten parte izan nintzen, urte askoan gainera, eta bat-batean gogorra da ez izatea ezeren parte. Lan-ibilbideko gauza gogorrenetako bat izan da, baina era berean ezinbestekoa hazteko, familiaren babesetik hegan egitea bezala. Oso horrela sentitzen dut. Orduan egin nuen Stereo .
Argazkia: Dani Blanco.
Zeozer zureagoa egiteko beharra sentitu zenuen?
Antzerkiolan Jon Gerediaga zen idazlea, Aitorrek [Agiriano] musika egiten zuen, askotan Lipusek zuzentzen zuen… Sorkuntza-prozesuak intentsoak eta ederrak ziren, baina gogoa neukan nik ere nire buruari galdetzeko zer kontatu nahi nuen, eta hori kontatzeko. Besteren historiak ere egiten dituzu zeure, baina sortzailearen papera hartzeko grina neukan. Stereo [antzezlana] izan zen nire ahotsa bilatzen hastea, nire gaitasunez gehiago jabetzea, sortzaile bezala elikatzen hastea… Plazer bat da norbere galderak publikoarekin partekatu ahal izatea, eta ez soilik izatea besteren ideiak gauzatzen dituena.
Eta, ondoren, telebista. Lehenik Martina eta gero, nola ez, Goenkale .
Martina -n Lipus eta biok geunden, ingurua ez zen hainbeste aldatu. Talde ttiki-ttikia zen, oso hurbilekoak denak, sateliteak ginen telebista barruan. Goenkale beste zerbait izan zen.
Beste mugarri bat?
Bai, izugarria. Goenkale iritsi zenean oso nekatuta nengoen, nenbilen lauzpabost antzerki-lanetan, diruz justutxo… Garai hartako dinamikak ez ninduen zoriontsu egiten. Eta ez neukan argi zergatik. Baina zeozer ez zebilen ondo, eta orduan Goenkale etorri zen, ordura arte egin gabeko zerbait… Sinbolikoki irekiera bat izan zen, aldaketa bat, eta nik horixe behar nuen bizitzan. Goenkale -n zirkulu berri bat ezagutu nuen, aktore gehiago ezagutu nituen, adin askotakoak, ofizioa bizitzeko hamaika modu. Leihoak zabaldu banitu bezala. Eta berez produktuarekin ez neukan horrelako loturarik, baina gauza pila bat ekarri zizkidan.
Nor zinen?
Moja [barreak].
Eta?
Bada oso ondo zetorkidan Stereo egiteko, kontrasteagatik [barreak]. Oso dibertigarria zen, hantxe ibiltzen ginen abitua jantzita Zumaiako komentuan. Esperientzia sekulakoa da, ez duzu bizitzen beste modu batera. Sekulako bidaia.
Telebistarekin loturik dago hizpidera ekarri nahi nukeen beste kontu desatsegin bat: boikota egin zizuten Euskalduna naiz eta zu programan egindako adierazpenen harira. Urte eta erdi pasa da ordutik. Zer moduz?
Inoiz bizi izan dudan bizipen surrealistenetako bat da. Bere garaian oso gogorra izan zen, oso arraroa, ez nuen batere espero. Bikotekideekin utzi dut, edo lagunengandik urrundu, inguruko jendea hil da, eta badakit zer diren dolu horiek, baina halakorik ez nuen sekula bizi nire haragitan. Eraso bat zen, baina ez fisikoa, birtuala baizik, eta oso gauza arraroa gestionatzeko. Gaur eta hemen esan dezaket bizipen oso gogorra izan zela, eta ez litzaidakeela gustatuko berriro gertatzea, baina orain, denbora pasata, ikasi dudan guztiarekin eta gai izan naizenez honi leku bat emateko, onartu dudanez hau dela nire biografiaren parte eta honek ere egiten nauela, ez dut nahi inork kentzerik. Ulertzen didazu?
Integratu duzu, nolabait ere…
Bai, guztiz. Lehenengo egunetik. Gertatu zitzaidan, ikasketa bat ekarri zuen, erakutsi zidan zein den kontestua eta beste hamar mila gauza.
Esan duzu birtuala izan zela, bestelako ondoriorik ekarri dizu?
Ondorio latzenak izan ziren sare sozialetako erasoak, zeren oso heavya da horrenbeste mezu irakurtzea tonu horretan. Baina momentu batean beste alde batera begiratzen duzu, eta kito. Askotan galdetu didate ea ondoriorik ekarri didan lan aldetik. Pentsatzen dut seguru aski baten bat izango zuela, baina orain, adibidez, El legado de los huesos pelikula egingo da [ El guardián invisible filmaren bigarren zatia], eta berriro deitu didate. Egia esan, bizitza oso zoroa da; baina ni aktorea naiz, pertsonaia hori asko maite dut eta, hausnarketa bat egin ondoren, gogoz egingo dut aurrera.
Ofizioa dela-eta, bi gauza ekarri zizkidan: konturatu nintzen aktore-ibilbidea bat-batean amaitu zitekeela, eta kontzientzia hartu nuen bizitza askoz ere gehiago dela aktorea izatea baino: bisio panoramiko horren kontzientzia hartu nuen. Eta era berean, pentsatu nuen: hemen eta orain, aktorea naiz, eta kito. Begira, garai horretan casting-a egin zuten Arriagan Obabakoak obrarako, eta nik gogo handia nuen antzezlan horretan parte hartzeko. Bada gertaera honek guztiak kristoren indarra eman zidan, iruditzen zitzaidan ezer ez zela izango hura baino fuerteagoa. Badakizu, gauza gogor bat gertatzen zaizunean, nola ematen dizun lekua? Bada horrela. Gero, pena da, ahaztu egiten dugulako.
Orain, antzerki-talde bateko kide zaitugu berriro ere: Kamikaz kolektiboa osatzen duzue Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta hirurok.
Polita izan zen zeren Stereo -rekin ibili ginenean, halako topagune bat egin genuen hiru neskaren artean. 2013an Donostiara etorri nintzen, eta jendea ezagutzen nuen, baina ez hainbeste. Segituan egin nuen topo Erikarekin. Goenkale -k kristoren lagun onak ekarri dizkit: Eneko [Sagardoi], Erika… Biok elkartu ginen, ze halako maitemin moduko bat piztu zen, biok marmita beretik atera izan bagina bezala. Hortxe hasi ginen brainstorming bat egiten, zer kontatuko genukeen, teatro bat, edozer gauza… Eta orduan Amancay ezagutu genuen Uxueren [Alberdi] bitartez. Horrela abiatu zen Kamikaz. Euli-giro egin genuen, Uxueren liburu batetik abiatuta, oso bolo gutxirekin, eta orain Kaffkä antzezlana sortzen gabiltza.
Argazkia: Dani Blanco.
Zeuk aipatu duzu eta neuk azpimarratuko dut: emakumeak zarete hirurak.
Hauxe esango dizut: ezer ez da kasualitatea. Hori bakarrik. Momentu horretan ez dakit zenbateko kontzientzia geneukan hori bilatzearena, baina nik garbi daukat momentu horretan gorputzak hori eskatzen zidala. Bai, bai, bai. Ahizpak. Izugarri.
Datorren urtean, 2019an, izango dira hogei urte aktore hasi zinela. Bizitza erdia.
Bai, aizu. Oporretan jabetu nintzen horretaz, Mexikon. Abuztuan da nire urtebetetzea eta bat-batean etorri zitzaidan, dutxan nengoela: hurrengo urtean berrogei, eta hurrengo urtean hogei aktore. Bizitza erdia? Flipatuta nago, zer nahi duzu esatea.
Nola heldu naiz ni honaino?
Guztiz. Nola heldu naiz ni honaino. Horrela jar dezakezu.
Zer duzu handiagoa, nekea ala gogoa?
Ofizioarekiko biak sentitu ditut, maitasuna eta gorrotoa, baina, egia esan, hemen eta orain, hunkitzen nau atzera begiratzeak, zeren ikusten dut izan dela bide bat bizi-bizia: momentu pila bat izan ditut, batzuk eder-ederrak eta besteak oso gogorrak, lagun asko dauzkat, oso pertsona inportanteak aurkitu ditut, beste lagun batzuekin oso momentu gogorrak pasatu ditut… Eta ofizioak egin nau ni. Gogoratzen naiz iritsi zela momentu bat non oso argi ikusi nuen, aktore bezala hazten jarraitu nahi banuen, pertsona bezala hazten jarraitu behar nuela. Kolore guztietako bidea izan da. Dena, dena egon da. Eta emozionatzen nau. Eta gustatzen zait gainera dena egon izana, iruditzen zait oso benetakoa. Eta ikusten dut baita ere entrega handia egon dela eta une oro dagoela, eta oso polita da, zeren aktore izateko modu asko dago, baina une oro jarraitzen dut naizen hori izateko modua berrikusten eta bilatzen.
Eta baldintza ekonomikoen aldetik, nola ikusten duzu etorkizuna?
Beldurra ematen du. Ni saiatzen naiz horri gehiegi ez begiratzen, zeren egia da oso garaiaren arabera doala, gure lana askotan oso prekarioa da, eta askotan hitzarmeneko soldata minimoetatik tiratzen da, eta minimoak oso minimoak dira, eta gauza bat da hitzarmenean soldata minimo bat izatea baina aizu… ezin gara minimoetan gelditu une oro. Duintasun kontua da.
Duela gutxi pentsatu nuenean 40 urte egingo nituela eta aktore naizela oraindik ere, beldurtu nintzen zentzu horretan: 60rekin ere aktore izango al naiz? Eta zahartzaroan? Eta ekonomikoki? Saiatzen naiz horretan gehiegi ez pentsatzen, zeren, gainera, errealitate gogor batzuk ikusten dituzu, baina… bestela zer? 20 urte neuzkanean bezala, galdetzen zidaten ea zer izango nintzen handitzean, eta ez nekien. Hemen eta orain, aktore. Egia da asko aldatzen dela, bat-batean pelikula bat egiten duzu edo telesail batean parte hartzen duzu eta diru-iturri majo bat daukazu, eta hor lasaiago zaude, baina gero badaukazu beste garai bat ez daukazuna diru-sarrerarik, eta orduan lastairari haginka pasatzen dituzu gauak.
Ez dago segurtasunik.
Uste dut orokorrean bizitzan ez dagoela segurtasunik, baina, egia da, adibidez, nire lagun batzuek lan finkoa dutela, hilabetean 2.000 euro, eta pentsatzen dut: horrek zer izan behar du? Aurreztu dezakezu, hilero jasotzen duzu… ene. Nik uste dut lanbide honetarako oso ausarta izan behar dela, eta, horretaz gainera, pixka bat inkontzientea.
Bestela ezin da?
Unean unekoan pentsatu. Eta konponduko da. Kito. | news |
argia-facbc2f1d4c8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/krisi-berri-baten-bezperatan.html | Krisi berri baten bezperatan? | Juan Mari Arregi | 2018-09-30 00:00:00 | Krisi berri baten bezperatan?
Hamar urte bete dira AEBetako Lehman Brothers finantza zerbitzuen konpainiak hondoa jo eta lehenik finantza krisia, ondoren ekonomikoa eta azkenik politikoa eragin zituela. Mundua aldatu eta ondorio katastrofikoak ekarri zituen gertaera hark, batez ere Europako zenbait herrialdetan: enpresen kiebra, milioika enplegu galduta, zenbait banku lur jota, langileen kontrako erreforma antisozialak, prekarietate, desberdintasun eta pobreziaren handitzea, miseria… Laburbilduz, gure artean jarraitzen duen kapitalismo basatiaren adierazpena.
Krisiaren erantzuleen zati handi batek (politikariak, enpresariak, finantza adituak…) egungo egoera ekonomikoa aztertu dute, hamarkada bat igaro dela baliatuz. Euren esanetatik ondoriozta litekeena ez da batere itxaropentsua. Adibidez, Europako Banku Zentraleko presidente ohi Jean-Claude Trichet-ek, honela erantzun du Lehman Brotherseko krisia errepikatu ote daitekeen galdetu diotenean: "Ekonomia globala deitu daitekeen zerbait existitzen bada, eta zorpetze globala –publikoa nahiz pribatua– ahultasunaren adierazle onenetako bat baldin bada, orduan krisia lehertu zenean bezain larria da gaurko egoera: adierazle horrek zorpetze maila handiagoa erakusten du BPG globalaren portzentajeari dagokionez". Adituek tesi hori babestu dute, munduko egungo zorpetzeak 2007koa erraz gainditzen duelako, eta Txina gehitu behar zaiolako, AEBetakoa baina zor handiagoa baitauka BPGarekiko.
Badirudi kapitalismoak noizean behin krisi bat behar duela zama utzi eta kapitala pilatzen segitzeko, erreforma antisozialekin enplegua suntsitu eta prekarizatuz. Horrela funtzionatzen du egituraz eta errotik basatia den sistema honek. | news |
argia-429f2a7c623b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/migratzaile-gaztetxeroak.html | Migratzaile gaztetxeroak | Asier Gonzalez de San Pedro | 2018-09-30 00:00:00 | Migratzaile gaztetxeroak
Irailaz geroztik Donostiara ez da migratzaileen autobusik iristen eta Zorroagako harrera zentroa hutsik dagoen bitarten, hamalau pertsonak gaztetxean egiten dute lo. Izan ere, Donostiako herritarrek eta hainbat eragiletako kideek Hiritarren Harrera Sarea sortu zuten. Hasieran Aralarrek utzitako lokalean moldatu ziren baina egun gutxira Txantxarrekako gazteekin jarri ziren harremanetan, gaztetxea pertsona desplazatuen "gune segurua" bilakatu zedin. Gazteek baiezkoa eman zuten eta abuztuaren 10ean hasi ziren migratzaileak jasotzen.
Proiektuaren helburua gizarteari instituzioen pasibitatea erakustea da, egoera salatzea eta presioa egitea, udalak eta Gurutze Gorriak baliabide gehiago jarri ditzaten. Gaztetxea pasoko gune bilakatu nahi dute eta ez pertsona desplazatuen etxe. Oraingoz bi fasetan banatu dute proiektua: lehena, harrera egin eta migratzaileak beraien helmugetara bideratzea eta bigarrena Donostian geratzen direnak bideratzea errolda eskuratzeko. Proiektua hiru taldek atera dute aurrera: Hiritarren Harrera Sareko kideak, Txantxarrekako gazteak eta gaztetxean ibiltzen ez diren bolondresak.
Gaztetxeko kideek hasieratik azaldu zuten harrera gune bilakatuko zela gaztetxea baina ez zela hotela izango; pertsona desplazatuek kudeatuko zuten, txandak antolatuz garbiketarako edo sukaldatzeko, beti ere bolondresen laguntzarekin. Orain arazoak dituzte zaintza txandak betetzeko eta herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera. Zaintzaz gain, beste lantalde hauek ere martxan dira: Komunikazio taldea, Azpiegitura taldea, Janari taldea eta Itzulpengintza taldea.
Gaztetxean aldaketa nabaritu da. Lehen ibiltzen zen jendea asko oraindik ez da agertu gaztetxera; aldiz, ibiltzen ez zen jende asko gerturatu da. Hala ere, gazteek beraien ekimenekin jarraitu dute: pertsona desplazatuak etorri zirenetik kontzertu bat, pelikula proiekzioa eta Donostiako Piraten ekimen bat egin dituzte bertan. Gainera desplazatuekin hainbat ekimen egin dituzte: pilotan jolastu, Aste Nagusian suak ikustera joan, gaztetxearen baratzea elkarrekin landu, euskara erakutsi iritsi berriei eta hauek frantsesa gazteei, igeriketa ikastaroak, Antigua-Luberriko futbol taldearekin entrenatu, Dokan egindako elkartasun kontzertuan parte hartu, EPAn klaseak jaso...
Gaztetxearen eraikina Donostiako udaletxearena da eta lau urterako kontzesioa sinatzear daude. Baiezkoa badutela adierazi dute eta horrelako proiektuek gaztetxeari indarra ematen diola uste dute.
Auzoa eta hiria ondo erantzuten ari dela uste dute gaztetxeko kideek: Bretxako arrain-saltzaileek, adibidez, larunbatero igotzen dute arraina gaztetxera eta Oiartzungo kooperatiba batek barazkiak eramaten ditu. "Familia txiki bat" garatu dutela dio gazte asanbladako kideetako batek eta batzuk desplazatuekin harremana egiten ari direla aitortu du.
Dagoeneko hamazazpi pertsona bizi izan dira gaztetxean eta 500 ohe baino gehiago eskaini dira (pertsona askok errepikatu dute). Orain hamalau pertsonak egiten dute bizitza gaztetxean. Hasieran pasoko eraikina zena orain batzuentzat hilabetez etxea bilakatu da. Adin guztietako pertsonak egon dira bizitzen gaztetxean baina bi izan dira protagonista nagusiak: Sara (lau urte) eta Malik (urte eta erdi). Marie Mar-ek (33 urte, bi ume hauen ama) kontatu du bidaiaren hasiera nahiko erraza izan zela, Boli Kostatik Marokora hegazkinez egin baitzuten. Marokoz galdetuta, elkarrizketako une gogorrena etorri da. "Oso zaila" izan zela baino ez du esan eta negarrez hasi da. Inguruko pertsona desplazatuek Marokoko bideo bat erakutsi digute: ihesean datozenak basoetan bizi dira eta poliziak atzemanez gero 1.000 kilometro atzera eginarazten diete, bata besteari lotuta. Ohikoa bilakatzen ari da atzera-bidaia horretan pertsona desplazatuak autobuseko leihoa puskatzea eta autobusa martxan dela salto egitea. Bideoan bi pertsona ikusten dira lurrean, martxan salto egin ostean, kamioi batek harrapatuta. Anbulantzia ikusten da baina ez du ezer egiten lurrean dauden bi kideak laguntzeko. Malik eta Sara ere Marokoko basoetan bizitzen egon ziren bere amarekin itsasontzia hartzeko zain. Lo zeudela itsasoratu zituzten bi txikiak. Ama gaizki jarri zen itsas bidaian eta botaka egiten hasi zen. Sara esnatu eta egoera ikusita "hil egingo gara! Hil egingo gara!" oihuka hasi zen. Malik txikiari malkoak isurtzen zitzaizkion baina ez zuen txintik esan. Amak dio Malik "traumatizatu" egin zela momentu horretan. Espainiako kostara gerturatzean Guardia Zibilak ez zien sartzen utzi nahi, Gurutze Gorria etortzean erreskatatu zituzten. Cadizen lurrartu zuten eta handik Madrilera jo zuten. Madrilen harrera familia batekin pasa zuten egun bat eta Bilbora bidaiatu zuten estazioan lo egin ostean. Bilbon ere autobus estazioan lo egitekoak ziren baina afrikar batek Gurutze Gorrira eraman zituen. Ondoren Bilbotik Donostiara joan ziren eta Ategorrietako harrera etxean zegozkien egunak igaro ostean, Txantxarreka Gaztetxean bukatu zuten. Mariek euskal jendearentzako hitz onak baino ez ditu, "harrera handiko" pertsonatzat gaitu euskaldunak, baita errespetu handikotzat ere. Umeak pozik eta pixka bat aztoratuta ere egon direla dio, hainbeste jenderen arretarekin. Euskal Herrian geratzeko intentziorik ez duen arren, Eusko Jaurlaritzak protokoloa aktibatu eta Gasteizera eraman zituen hirurak. Gasteizera bideratu izana Hiritarren Harrera Sareak egindako lana eta protesten lorpena izan zen. | news |
argia-529f1cf9a32d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/maletak-egitea.html | Maletak egitea | David Bou | 2018-09-30 00:00:00 | Maletak egitea
Plaza del Sol, Vila de Gràcia, Països Catalans. Nork bisitatu du Bartzelona eta ez du enklabe herrikoi hori ezagutzen? Duela hamarkada luzea jada, nerabea nintzela, lagunen alboan, nire sortzetiko hiriaren mila eta bat gau deskubritu nahi genituenean, gure bidean sozializatzen ari ziren gazte andana batekin biltzen ginen bertan. Ordu hartan askatasun espazio bat zen. Lurrean esertzen ginen, biribilean, eta orduak ematen genituen berbetan, gitarra jotzen eta garagardo bat hartzen… Baina, gustuak gustu –beti ez du euri egiten denon gustura–, lo egin nahi zuten auzokideak molestatzen genituen azkenean.
Horretaz kontziente, geuk ere hiri handiko auzoak habitatzen genituenez gero, arreta eta ardura gehiago hartzen ikasi genuen. Ahots tonua apaltzen saiatzen ginen, zentzuzko ordu batean erretiratzen ginen… Alabaina, hormonek beti irabazten zuten borondate onaren aurka. Iritsi zen unea, ez ginen aitzindariak jada, non plaza betetzen joan zen geroz eta gehiago. Harrezkero, polizia eszenatokian sartzen zen gauerdi aldean, miaketak eginez, solaskide guztiak uxatuz eta lurzorua ureztatzen zuten udal zerbitzuetako garbitzaileei bidea zabaltzen. Zoladuran ezin eseririk, toki hark bere xarma galdu zuen, bertan biltzen jarraitzeak ez zeukan zentzurik.
Denbora aurrera joan da. Udaldi osteko lanaldi hasieran, gazte garaiko epizentrora itzuli nintzen: "Bizi zaitez Gràcian eta utzi bizitzen, zure askatasunak ez dezan gainerakoena murriztu" edota "Zure oihuak ozen entzuten dira etxe barruan… Graciàn ez zaitugu entzun nahi!", kartel handiek zartatu zuten nire kontzientzia. Plazaren albo batean daude zintzilik, katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez. Azken idioma hori da, handik pasa nintzen azken aldian, gailentzen zena.
Aldi horretan, euria egiten zuenean aterpetzat genuen teilatupea kendu dutela jabetu naiz harriduraz, lurzorua gogorra bihurtzen zitzaigunean erabiltzen genituen barandatxoen ordez, altzairu zorrotzezko zutabeak zeudela, baita plaza alboko eskaileretan loreontzi-euskarriak ere ipini dituztela, inor ez dadin eseri. Antza denez, jendea uxatzearekin nahiko ez, eta harago joan dira: plastikozko gela moduko batzuk ezarri dituzte, haurrentzako txokoen modukoak, plazaren zabalera gutxitzeko ezin eroso egon ahal izateko.
Mundu globalizatu honetan, Marokora hegaz egitea Euskal Herrira joan-etorria autoz egitea baino merkeago den honetan, zein da egoera horren borrero
ez izateko gure ardura
eta konpromisoa?
Neurri batean, biktima garen epidemia horren erantzule gara eta
Eraldatze prozesu hori eman ahala, betiko bizilagunen bizitoki aldaketa izan da, zarata handiak uxatuta etxez aldatzera behartuta, edota, sinpleki, turistifikazio prozesuak ezarri duen alokairuen igoerari aurre ezin eginik, traba bihurtu direlako. Auzoko gazteek ezin dute plaza baliatu, izan ere, parke tematiko horretan ez dute esertzeko tokirik, ezta modernotasunez jantzitako horrenbeste dekadentzia behatzeko lekurik ere. Euren neurriko negozioa eraikitzeko erabili gaituzte, espazio publikotik kanporatuz. Haatik, ni ere horren arduraduna sentitzen naiz hein batean.
Mundu globalizatu honetan, Marokora hegaz egitea Euskal Herrira joan-etorria autoz egitea baino merkeago den honetan, zein da egoera horren borrero ez izateko gure ardura eta konpromisoa? Neurri batean, biktima garen epidemia horren erantzule baikara. Hipokrita baita, legez kanpoko etxebizitza turistikoetan ostatatzen direnak madarikatzea eta New Yorkera Airbnb batean lo eginez bidaiatzea. Ostalaritzako hitzarmen duin bat eskatzen dugu eta Baliko gune turistikoan deskantsatzen dugu. Bertako langileak esklabotasun moduko baldintzapean ari direnen bitartean, gure hiriko txoko kuttunean ezin dugula lasai egon kexatzen gara, areago, Instagramen argazkiak zintzilikatzen pasatzen dugu hilabete osoa, uharte greziarretan "aurkitu" ditugun hondartza "galduen" kokapena emanez.
Bidaia ez da helburua, bertara iristeko urratzen dugun bidea baizik. Paraje exotikoetan esperientziak kontsumitzeko dugun mendebaldar pribilegioari uko egin diezaiogun. Ikas dezagun bisitatzen ditugun tokietan harremanak lantzen begirunez. Egun zenbait pasatzeko gure motxilak husten ditugunean, izan gaitezen ziur ez dugula bertako inor maletak egitera behartu bizitza osorako. | news |
argia-9ec0c1ec0217 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/uraren-gainean.html | Uraren gainean | Igor Estankona | 2018-09-30 00:00:00 | Uraren gainean
Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak gazteentzat pentsatutako poesia lehiaketak badu lehen saritua. Iruindarra, 1991n jaioa. Eta dio: "Orrialde zuria dut/ isilmandataririk fidelena,/ mara-mara jausten dira hitz malutak/ isilatsun gainera".
Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Pello Otxotekok argi ikusi bide zuten zirriborroaren indar ezkutua. Izan ere, badu berdetik eta badu heldutik Azalberritze bat (Balea zuria, 2018) honek, baina batez ere bilaketa baten istorioa dela begitandu zait. Bere abantaila, eta bere azkena, hortixe datoz.
Urteetako metodoaren eta obsesioaren fruitu, bistan da izerditutako liburua izan dela: "Mundutar oro egunsentiaz ahaztuko balitz bezala,/ soilik katuak ibiltzen gara/ alderrai,/ etorbideetako jaun eta jabe,/ Cortazarren arrasto isilak bagina bezala,/ telefono kableen gainean/ pausauko diren enarak itzuli zain.//Itzuliko dira". Idazketa eta irakurgaiak eta egunerokoa nahastu egiten zaizkio poetari maiz. Liburuan hainbat aldiz harrapatzen du bere burua poesiaz hausnarrean, liburu bihurturik bere azala beste batzuetan. Inoiz, lirika dendetako eskaparateetan ere ikusi bide du.
Urteetako irakurgaien dekantazioa bezain irregularra, liburuko poema zenbait luzatu egingo nituzke nik, aterako nieke ideia batzuei punta arean gehiago. Eta, bestalde, zertarako: idazleak hauxe gura izan du transmititu, alegia, halako intimismo bat ertzak borobilduak dauzkana, estridentziarik gabekoa. Berba bat bestea baino altuago ez esate horrek bihurtzen du atsegin eta funtsean argal. Konfesiorako tartea da hemen orri zuria, baina konfesio hori neurritsua da. Esan daiteke asmo txikiekin egina dela halako asmo goragoko bat: "Hutsartetik osotasunera doan bidea/ makurra eta luzea izan daiteke/ salto batez egiten ez duzunean.// Niri eternoa dirudit".
Eta agian esan dugun horregatik guztiagatik, eta bere itxura bateko sofistikazioagatik, uraren gainean idatzia dirudi. Estiloa dauka, erritmoa dauka, hitza dauka, eduki behar duen lekuan; eta errematea ere bai. Baina irakurriaz batera lurruntzen da. Esti Martinez Diaz de Ceriok hogeita zazpi urterekin idatzi ditu hamazazpi urterekin idatzi ohi diren ahapaldiak. | news |
argia-737dd399fb5d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/elisa-sesma-ginekologo-aitzindaria.html | "Abortuaren aurkakoek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia" | Ander Perez | 2018-09-30 00:00:00 | "Abortuaren aurkakoek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia"
Abortuaren aferan, ginekologo aitzindaria izan zen Nafarroan Elisa Sesma. Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa kideekin batera, sektore kristauen eta eskuinaren presioa pairatu behar izan zuen, akusatuen aulkian esertzeraino. Orain, hiru hamarkada pasata, Iruñeko Udalaren aitortza jaso dute, hiriko zapiaren bitartez. Eta Andraizera luzatu nahi izan dute eskerra, Txantreako sexu eta ugalketa osasun zentroa eginez lorpenen motore eta erantzule nagusia.
Zuk egin zenuen Nafarroako osasun publikoko lehen abortua.
1985eko abuztuan eman zen abortuaren despenalizazioa [Espainiako] Estatuan, hiru baldintzetan, eta gutxira, urrian, kasu bat agertu zen. Abortu hura egiteko prest legokeen jendea deitzen hasi ziren, baina denek esan zuten ezetz, objektatzen zutela. [Nafarroako] Ospitalean, ni izan nintzen objektatu ez zuen bakarra.
Giroak ez zintuen atzera bota.
Emakumeek hamar urte generamatzan kalean, abortu libre, doakoa eta segurua aldarrikatzen. Beraz, une batean, profesionalki, hori egin ahal izatea suertatzen bazaizu, egitea erabakitzen duzu; erabaki etiko bat da. Orduan ez nintzen gai izan zetorkidan kontrakotasun giroa aurreikusteko. Gaur, eta pasatakoak pasata, bitan pentsatuko nuke.
"Elisa Sesma, legezko hiltzailea". Eskuorriak agertu ziren Iruñeko kaleetan.
Gure kontrako kanpaina gogorra izan zen, gure izen ona zikintzeko, eta ospitalean ez zizkiguten gauzak erraz jarri. Objekzioaren mugak ez zeuden argi, eta jende askok objektatu zuen, gaur egun ezingo lukeen arrazoiengatik.
Gerora etorri zen epaiketa, 1986ko abortu batengatik. Zuretzat, 12 urteko kartzela zigorra eskatzera iritsi ziren.
Estuasunez eta harriduraz bizi izan nuen: osasun publikoan abortu bat egin genuen, baldintza guztiak betez, malformazio arrisku argien aurrean, eta Acción Familiar-ek epaiketara eraman gintuen, legez kontrako abortua egin genuela esanez. 1990ean izan zen epaiketa, eta akusazioaren perituak bukatu zuen epaiketa desmuntatzen, malformazio arriskua izan zela onartu zuelako. Banekien jopuntuan ginela, baina talde askoren babesa genuen, ezkerrekoak, feministak... eta babestua sentitu nintzen.
Bi urtez egin zenituzten abortuak osasun publikoan, baina bukatu zen bidea.
1985eko legea adin txikikoentzako legea zen: denek –epaileak, medikuak...– erabakitzen zuten emakumearen partez. Guk legea zorrotz bete genuen, malformazio arriskuen aurrean abortatzea baimentzen zuelako. Baina hainbestekoa izan zen presioa, azkenean administrazioarengana jo genuela, sare publikoan abortuak egiteko baldintzarik ez zela esanez. 1987an izan zen hori, eta orduan, egiteari utzi zitzaion: Nafarroako Gobernuak Nafarroatik kanpoko klinika pribatuak kontratatzea erabaki zuen, eta hori da azken 30 urteetan egin dena.
Nola eragin dute horretan presio taldeek?
Nik uler dezaket emakume batek, desiratu gabeko haurdunaldi bat izanda ere, aurrera jarraitzea, eta berdin uler dezaket abortatzea erabakitzen duena. Erabaki pertsonalak dira, eta errespetagarriak. Baina ezin ditut talde horiek errespetatu, ez baitira aritzen haien erabaki pertsonalez, emakumearengatik ari dira erabakitzen. Abortuaren aurkako taldeek gizarteari inposatu nahi diote haien erabakia. Nafarroan bada populazio zati kontserbadore esanguratsu bat. Talde hauek, zorionez, gutxiengo bat dira, baina zabalagoa den sektore kontserbadore baten barruan.
Zertan aldatu da abortuaren egoera?
Gizartea ikaragarri aldatu da: homosexualen ezkontza dugu, gizarte laikoagoa, harremanak ulertzeko beste era batzuk, transexualitatea... Prozesu sozial oso bat da, eta abortua parte bat gehiago da: emakumeek haien kabuz haurdunaldia eten nahi duten erabakitzea mentalitate aldaketa handia da, aldaketa soziala. Uste dut 2010eko [Espainiako] legea nahikoa dela; beste gauza bat da Nafarroan, gobernu berria irtsi arte ez dela jarrera aktiborik izan abortuak sare publikoan egin ahal izateko, eta abortatzeko Nafarroatik atera behar izateari utzi ahal izateko.
Zer da Andraize zuretzat?
1978an sortu zen, antisorgailuak legeztatzean, horiek banatzeko. Talde feministek, Txantreako auzo elkarteko emakumeek eta profesional talde txiki batek bultzatu zuten. Aitzindaria izan zen, antisorgailuak banatzen zituelako, baina batez ere, proposamen ideologiko oso bat zuelako, norberak bere gorputza eta sexualitatea ezagutu zezan, eta hori guztia osasun zaintza, norbanakoaren erabakien gaineko errespetua eta desiratu gabeko haurdunaldien prebentzioa barnebiltzen zuen ikuspegi batetik. Apustu sendoa izan zen.
Zer garrantzi du udalaren omenaldiak?
Bere garaian guri eragindako kaltea konpentsatzeko ekitaldi gisara aurkeztu zitzaigun. Begi onez ikusi nuen, baina birplanteatzeko eskatu nuen, ez ginelako bakarrik egon: jende asko izan zen borrokan, gauzak aldatu zitezen. Andraize eredu bat izan da eta da. Oraindik ere, han dago jende borrokalariena. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaidan ulertzea abortuarena kapitulu garrantzitsua dela, baina askoz garrantzitsuagoa den testuinguru oso baten barruan. Militantzia modu bat izan da. Eta niretzat, benetako ekarpena halako zentroak existitu izana da, horiek ekarri baitute benetako aldaketa. | news |
argia-7e31582e80d2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/mexiko-68ko-sarraski-zenbatezina.html | Mexiko 68ko sarraski zenbatezina | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-09-30 00:00:00 | Mexiko 68ko sarraski zenbatezina
1968ko urriaren 2an, neurri demokratikoak eskatzen zituen ikasle mugimenduak deituta, jendetza bildu zen Mexiko Hiriko Hiru Kulturen plazan. Frankotiratzaile talde paramilitar batek 500dik gora pertsona atxilotu eta dozenaka hil zituen. Hamar egun geroago hasi ziren Olinpiar Jokoak.
Mexiko Hiria, 1968ko urriaren 2an. Neurri demokratikoak eskatzen zituen ikasle mugimenduak deituta, jendetza bildu zen Hiru Kulturen plazan. Hamar egun geroago Joko Olinpikoak hasiko ziren hirian bertan eta uztailean piztutako mugimenduak kirol ekitaldia baliatu nahi zuen gobernuaren abusuen berri mundu osoan zabaltzeko. Hauxe zen haien kontsignetako bat: "Ez dugu joko olinpikorik nahi, iraultza nahi dugu". Gobernuak, aldiz, mundu guztia Mexikora begira egongo zela jakinik, Jokoen distira zikin zezakeen edozein orban garbitzea zuen helburu. Eta arratsalde horretan bertan ekin zioten horri.
18:10ak aldera armada eta Olinpia Batailoia izeneko frankotiratzaile talde paramilitarra tiroka hasi ziren plazan bildutako milaka manifestarien aurka. 500dik gora pertsona atxilotu zituzten eta hil, dozenaka eta dozenaka.
Biharamunean, Mexikoko hainbat egunkarik manifestariak "terroristatzat" jo zituzten eta Mexikoren "irudia zikintzeko eta jokoak zapuzteko" ahalegina leporatu zieten. Errepublikako Lehendakaritzak adierazi zuen "operazioari esker arazoa eragin zuen asaldura itzali" zutela eta Joko Olinpikoetan "lasaitasuna bermatuta" zegoela.
Horrenbestez, urriaren 12an jokoak inauguratu zituzten, Gustavo Díaz Ordaz presidentea buru zuen ekitaldian, eta Bakearen Joko Olinpikoak izendatu zituzten, lotsagorritu gabe.
Urriaren 27an amaitu ziren jokoak. 112 herrialdetako 5.516 atletek parte hartu zuten (4.735 gizonezkok eta 781 emakumek) 20 kiroleko 172 probatan. Jokoen zenbakirik nabarmenenak Bob Beamonen jauziaren 8,90 metroak izan ziren ziurrenik; luzera jauziko munduko errekor hura 22 urte eta 10 hilabetez egon zen indarrean. Baina irudi nagusiena Tommie Smith eta John Carlosena izan zen; 200 metrotako urrezko eta brontzezko dominak jaso zituzten korrikalariek, hurrenez hurren. Dominak jasotzeko ekitaldian, eskularru beltza jantzita eta ukabila jasota, black power keinua egin zuten. Argazki horrek Smithen marka ahaztarazi bazuen ere, zenbakiak hor daude: 19,83 segundoko denborari esker, berak zeukan munduko marka hautsi zuen berriro eta errekorra Pietro Menneak kenduko zion 11 urte geroago.
Urriaren 2ko sarraskian hildakoen zenbakia, ordea, ez dago jakiterik. Gobernuaren bertsio ofizialak esan zuen 20 izan zirela. Hiru urte geroago, hildako baten amak esan zuen semearen gorpua topatu zuen tokian soilik 65 gorpu baino gehiago zeudela. Ikerketa batek dio 250 inguru izan zirela, beste batek 325... Kalkulu handienaren arabera, 1.500 pertsona inguru hil zituzten. | news |
argia-11c69b067e82 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/nondik-nora.html | NONdik NORa | Eneko Olasagasti | 2018-09-30 00:00:00 | NONdik NORa
Donostiako Zinemaldiaren baitan eskainiko den Euskal Zinearen aurkezpenera hurbildu nintzen. Zenbat jende, aizue, harritzekoa benetan. Ez dut uste gure herrian zinea egitetik jende asko bizi denik, baina zinetik bai ordea. Inoizko partaidetzarik handiena omen da aurtengoa, hogei film. Niri, egia esan, eta laburrak kanpoan utzita, hamazazpi ateratzen zaizkit. Hala ere… Ziur zenbakien lilurak albiste ona dela esanaraziko diola askori. Ez naiz ni kontrakoa esaten hasiko, baina zalantzak ditut. Sail nagusitzat har ditzakegunetan bi bakarrik azaltzen baitira. Ofizialean, baina lehiaketatik kanpo, Telmo Esnalen Dantza eta Zuzendari Berriak delakoan Koldo Almadozen Oreina . Botila erdi hutsik ikusten dutenek behera egin dugula esango dute.
Handik egun batzuetara Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan euskal zinemaren etorkizunaz aritu ziren Jose Luis Rebordinos, Itziar Ituño eta Aitor Arregi. Teknologia berriak, sare sozialak, kontsumo ohituren aldaketak, plataforma berriak eta abar aipatu ziren baina denon ahotan dauden horietaz aparte garbi geratu zen zaila dela iragarle lanak egitea. Gure tamainako zinemagintzekin alderaketetan ibiltzeko ohiturari jarraiki, Danimarka eta Islandia bezalako herrialdetan garatzen dituzten politikak eta ereduak aipatu ziren. Eta nik ezaugarri nagusi bat aipatuko nuke, herrialde horietako agintariek euren zinemagintza propioa garatzeaz duten kontzientzia. Konparaketa horretan, botila erdi beteta ikusten dutenek ere galtzaile ateratzen garela esango dute.
Beste garai batzuen aldean, egun ez da zalantzan jartzen geure historia geuk kontatu beharraren garrantzia. Eta nagusitzen ari den beste ideia bat "ikusgarritasuna" da. Ez da nahikoa egitea gero ikusten ez bada. Eta horren harira Zinemira sailaren eraginkortasunaz ere hitz egin zen. Garbi dago Zinemaldia lehio handi bat dela gure filmak erakusteko, baina non ikusten diren kontu garrantzitsua da. Ez da berdin Ofiziala, Zabaltegi, New Directors edo Zinemira. Zinemirara ez da industria delakoan dabilen jenderik hurbiltzen. Beraz ez dituzte pelikulak ikusten. Beraz, Lekeitioko Bileran emateak bezalako eraginkortasuna dauka. Ez, Bilerak baduelako Euskal Herriari begira eraginkortasun handiagoa.
Horri Euskal Zinearen egunean ospatzen den Festaren traza hartzen diot. Hortxe biltzen gara Euskal Zinearen inguruan gabiltzanok, ez denok baina ezta beste inor. Hala ere, ziur naiz, urteko beste edozein egunetan ospatuko balitz ez litzatekeela hainbeste jende hurbilduko. Glamourra izango da nonbait.
Ez dakit nola ikusi botila, erdi hutsik edo erdi beteta. Gauza bakarra dakit. Euskal zinearen aurkezpena egiten zen egunean bertan Non filma estreinatzen zen. Lehenengo pasean hamar lagun ginen. Ondorioak zeuek atera. | news |
argia-092511f88b01 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/gizakiak-egindako-marrazkirik-zaharrena.html | Gizakiak egindako marrazkirik zaharrena | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-09-30 00:00:00 | Gizakiak egindako marrazkirik zaharrena
Hegoafrikako Blombos kobazuloan silkreta harrian okrez egindako marra batzuk aurkitu dituzte.
Christopher Henshilwood eta Karen van Niekerk buru dituen ikerketa taldeak Nature aldizkarian jakinarazi duenez, marrazkia duela 73.000 urtekoa da. Adituek oraintsu arte uste zuten lehen giza adierazpen sinbolikoak Europan sortu zirela duela 40.000 urte, baina marrazki hau orain arte aurkitutako antzeko arrastoak baino 30.000 urte zaharragoa da.
Oraindik ez dakite nola eta zertarako egin zituzten marra horiek. Uste dute konposizio handiago baten zatia dela, eta traola itxura du. Hala, inoiz aurkitutako marrazkirik zaharrenak, teknologia berriei estuki lotutako ikurra ematen du. | news |
argia-89727316d8b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/madeleine.html | Itzali ezin den su hura | Xalba Ramirez | 2018-09-30 00:00:00 | Itzali ezin den su hura
Dokumentaletarako musika egiten zutela esan izan diete Madeleine taldekoei, Arrakala edo Kortxoenea, irautea sortzea delako dokumentaletan egindako ekarpenagatik. Baina donostiarren Su Hura hirugarren lanak aldaketa dakar euren orain arteko ibilbidearekin alderatuz gero, bai mamiz, bai azalez. Udan grabatu dute Gaztain estudioan, Zestoan, Eñaut Gaztañagaren eskutik; eta grabatzen ari ziren egun batean sartzen ere utzi ziguten, bertan ikusi eta entzundakoak kontatu ahal izateko.
"Disko hau oso ezberdina da, orain arte egin dugunarekin aldean", dio Itzal Urangak. "Orain arte post-rocka egiten omen genuen, baina orain jada ez gaude eroso estilo horrekin". Estilo horretara gehien hurbiltzen den kantari Postrock deitu diote, horren seinale.
Jagoba Salvador (baxua), Jon Iñaki Benito (bateria), Gartxot Unsain eta Itzal Uranga (gitarrak eta ahotsak) laukoteak, duela hiru urte grabatu behar zuen diskoa, baina osasun arazoengatik, suspenditu egin behar izan zuten, kasik estudiora sartzera zihoazen egunean bertan. Ordutik hona kantek "izugarrizko garapena" izan dute, taldekideen ustetan. Hasierako riff-ak mantendu diren arren, beste abesti batzuk bihurtu direla uste du Unsainek. "Lehen Madeleinen gauza guapoen jarraipenak ziren kantak egiten genituen. Eta hori gustatzen zitzaigun, baina beste zerbait behar genuen".
Kantak, beraz, "osotasun gisa" hartu dituzte; eta "lehen aldiz", egituran pentsatzen aritu dira. Gustatzen zaizkien abestiak entzun eta, egiturak, garapenak, igoerak eta jaitsierak identifikatu dituzte; eta Madeleinen kantetara moldatzen saiatu dira. "Egitura poperoagoak" direla baieztatu dute, baina hemen pop piezak aurkitu nahi dituenak ondo bilatu beharko du: jarraitzen dute rock taldea izaten, post edo ez.
Groove-ak ere sinplifikatzeko ahalegina egin dute eta bateria eta baxu lerroak gehiago zehaztea izan da erronka. Argi utzi nahi dute denek, ordea, horrek ez duela esan nahi kantak errazagoak direnik, edo lan gutxiago eskatu dutenik: "Batzuetan errazagoa da zati ezberdin gehiago egitea, gutxirekin kanta on bat egitea baino", dio Unsainek, gainontzekoek baietz adierazten duten bitartean.
Egiturak pentsatzearekin batera, taldean sortzeko modua garatzen joan direla kontatu dute. "Batzuetan oso zaila da taldean konposatzea, eta askotan gertatzen da ideia bat eramaten duzula lokalera eta taldekideen eraginez beste zerbait bihurtzen dela. %25eko lau zatiren baturak ez du zertan %100 eman", dio Unsainek. Prozesu horrek duen indarra ezkutatu gabe, disko honetan saiatu dira ideia originala errespetatzen. "Ideia eraman duenak izan du azken hitza, eta horrela lortu dugu konposatzean izaten den su-txinparta hori errespetatzea".
Argazkia: Madeleine.
Gaztain estudioan taldekide bat gehiago
Lagunez osatuta egiten dute Madeleinekoek musika. Lagunekin sortu, jo eta grabatu. Horregatik jo dute Gaztañagarengana, aspalditik ezagutzen dute-eta elkar. Grises talde zestoarreko gitarra jolea izateaz gain, bere estudioa dauka, eta bertan aritzen da taula gainean ez dagoenetan. "Konfiantza horren bila etorri gara", dio Unsainek. "Berak badaki zer nahi dugun, eta esku hartzen uzten diogu". Bere gitarrak, pedalerak eta anpliak erabili dituzte grabatzeko: "Itzalek ekarri du bere gitarra badaezpada, baina nik hori ere ez!", dio barrezka.
Lan egiteko modu aproposa aurkitu dute estudioan, nabari da. Kantak egituratuta dauden arren, ideia berrietara irekita utzi dituzte, eta denen artean osatzen doaz konponketak. Gu joan garen egunean, Jon Horna ere aritu da Sumendi abestian kolaboratzen gitarrekin; berak eta Gaztañagak taldeko kideak dirudite hemen. Azken honek ere, noizbehinka gitarra hartu du ideiak proposatzeko: Perkalenea kantaren amaieran, adibidez.
Efektu-pedal sorta ederrak osatzen du Gaztañagaren pedalera. Taldekideek aitortu dute batzuk zertarako diren ere ez dakitela, droper-a kasu –afinazioa aldatu behar izanik gabe, gitarra tonuz aldatzen duen pedala–. Madeleinen musikak badu efektu anbientaletik eta proba ezberdinekin aritu dira jolasean. Inoiz lehortuko da abestian, adibidez, fuzz grabeko gitarra bat bikoiztu dute, atze-atzetik, zarata gehitzearekin batera kantari bestelako iluntasuna eskainiz.
Delay eta Chorus guztiak egiteko ordenagailuko plugin-ekin nahikoa duela dio Gaztañagak; gitarren arpegio eta riffetan abestiak erabat irekitzea lortzen du honela. Ez da erraza izaten hitzez soinuak deskribatzea, baina hainbat onomatopeia artean ederto ulertzen dira –oharra: hurrengoan bideo kamera eramango dugu, horiek ere jasotzeko–.
Hitzak jolaserako bide
Madeleinen lehen diskoan (2009) gutxi ziren letra zuten kantak eta Mugarri -n (2013) hitzek zentralitatea irabazi zuten arren, lelo borobil gutxi batzuk baino ez zituzten. Su Hura -n aldiz, pisu berezia hartu dute, eta ederki landu dituzte.
"Egunerokotasuneko gauzei buruz aritu gara, nahiko gertuko eran", dio Unsainek, bera baita letra egile nagusia. Perkalenea -n, adibidez, beraien pisuari omenaldi bat egin diote eta Inoiz lehortuko da taldeari buruz ari da.
Nahi on bat , Inoiz lehortuko da eta Sumendi kantetan nabaritzen da gehien, letra eta egituren arteko oreka hori. Estrofa eta leloak; doinu itsaskorrak eta jolas instrumentalak; eta indarra eta harmoniaren arteko oreka baita Madeleine.
Salbuespena izan daiteke Inongo garen singlea, horrek gogorarazten du gehien Mugarri diskoko Madeleine –joan den maiatzean kaleratu zuten behean ikus daitekeen bideoklip kuriosoarekin–: gitarra jolasak eta letra gutxi. Postrock kanta da instrumental bakarra.
Gartxot Unsainek Youtuben autotune-arekin abesten ezagutu genuen Hura kantak, bestalde, tarte berezia merezi du. Mugarri -ko Berlin gogoratzen duen pieza indartsu, itsaskor eta borobila da. Diskoari izenburua ematen dion hitz-jokoa ere kanta honetatik dator: "Dena da hain azaleko itxaropen.../ Halabeharrez jaio edo zoriak hil gintuen? / Aurkituko al dugu hura egarriz hil baino lehen?".
Bidean berriz ere
Baliabide publikoak beharko luketenak lehiaketa bihurtu dituen Kutxa Kultur programaren barruan, urte oso batez entsegu lokala izan dute Tabakaleran eta diru laguntza ere bai, diskoa grabatu ahal izateko. Horren bitartez, hainbat kontzertu eskaini zituzten madeleindarrek joan den ikasturtean Kutxa Kultur fundazioak parte hartzen duen ekimenetan.
Abesti berriekin eta "leku berriak ezagutzeko" prest, irailaren 28an hasiko du bidea berriz ere taldeak. Donostiako Urgull mendiko Guardetxean izango da lehen zita, "festa moduan eta lagun artean, dena egin ohi dugun bezala": Oki Moki, Pick a Bear eta DJ Spotifai-rekin. Ondoren, urriaren 6an Orion, 7an Urretxun, 12an Baionan eta 20ean Urnietan arituko dira.
Ez galdu aukera. Diskoa ona da, eta zuzenekoa hobea. Hasieratik zuten lagunen arteko su hura ez delako itzali, ziurrenik. | news |
argia-25f8f2a52d93 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/nabarreriako-gerla.html | Nabarreriako gerla | Aingeru Epaltza | 2018-09-30 00:00:00 | Nabarreriako gerla
Estrategia militarraren eskuliburuetan agertzen da. Posizio bat okupatu aitzin, hura nola defendatuko duzun pentsatu behar da lehenik. Barcinak, 2004an, Euskal Jai bereganatu zuelarik, hondeamakinak zituen zain. Udaltzainek azken gaztea atera orduko lurrarekin berdindua zegoen frontoi zaharra. Barkosek, ordea, osorik nahi zuen Rozalejo. UPNri gaztetxeagatik Nabarreriako gerla arrapizteak ez zion boto bakarrik ere kenduko. Aldaketaren Gobernua, aldiz, nekez aterako zen onik akordu txarreko denborak gogora ekarriko zituen ke- eta pilotakada-besta batetik. Ahantzi gabe Geroa Baiko hautesleak aise ere mugatiarragoak direla eta ihes-errazagoak UPNkoak baino.
Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak inbertsio bat bezala hartu behar lukete Rozalejoko okupazioa
Maravillas gaztetxeak lehen bataila irabazi du Nafarroako Gobernuak uko egin diolarik eraikina indarrez berreskuratzeari. Iritzi publikoaren gerlan ez dira hain abilak gertatu. Mikel Castillo, poliziak hildako ETAko militantearen aldeko omenaldiak Asironen beraren haserrea ekarri die. 36ko fusilatuak eta azken hamarkadetako gudariak parekatzeak min eman die memoria historikoaren aldeko militante aunitzi, Ezker Batuko eta Batzarreko jendea urruntzeaz gain. Gaztetxeko jantokia eta taberna, bertzalde, ez dituzte hain ongi hartu auzoko ostalari guztiek. Proiektu autogestionatuak ederrak dira, baina alokairuak eta zergak ordaintzen dituenari hagitz ongi esplikatu behar diozu zertaz dituzun zuk berak merezi ez dituen hobariak.
Alemanian, 80-90Eko hamarkadetan ehunka lokal publiko okupatu ziren autogestioaren izenean. Berlinen, Hanburgon, Kolonian… sekulako istiluak izan ziren, poliziaren eta gazteen artean. Berdeak lehen udal gobernuetara ailegatzean etorri ziren lehen akordioak. Noizbait, gainerako indar politikoak ere ohartu ziren merkeagoa zela erreboltariak beren antzerki eta zinema zaharretan malabareak lantzen edukitzea, karrikan zalapartan baino. Gaur egun, ez dago hiri alemaniar handi-ertainik bere lokal okupatu gaberik. Bertze kontu bat da horrek eragin politikorik batere izan ote duen Merkelen erresuman.
Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak inbertsio bat bezala hartu behar lukete Rozalejoko okupazioa. Mendebaldean gaur egun, kontraste fisikoa eta giza paisaia askotarikoa eskaintzen duten hiriek dute arrakasta. Nor izan nahi duen metropoliak, eremu historikoaz, lorategi zabalez eta zabalgune burgesaz gain, auzo alternatibo baten xarma eskaini behar dio bisitariari. Maravillas gaztetxeak iraultzaren laborategia izateko bokazioa agertu du ozenki. Entzierroaren ibilbidea bururatu ondoan, nik turistak eramanen nituzke Rozalejosa, esperimentu sozial txundigarri horren lekuko izan daitezen bertatik bertara. | news |
argia-6de73cea47b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/igartubeiti-baserri-museoa.html | Baserriaren lekukotasuna zabaltzen | Garazi Zabaleta | 2018-09-30 00:00:00 | Baserriaren lekukotasuna zabaltzen
1990eko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak baserria erosi eta haren historian arakatzeko ikerketa abiatu zuen historialari, arkeologo eta arkitekto talde batekin. Jasotako informazioarekin, ondoren, baserria zaharberritu eta egun jada Baserri Museo den proiektua abiatu zuten. "Helburua XVI. mendeko baserriak nola sortu ziren, zein bilakaera izan zuten eta bertan nola bizi ziren ezagutzera ematea da", azaldu du Kizkitza Ugarteburu Plazaola museoko koordinatzaileak.
Egun ezagutzen ditugun baserriek XVI. mendean dute jatorria
Igartubeiti indusketa arkeologikoak egin dituzten baserri bakarretakoa dela azaldu digu Ugarteburuk. Haren azpian etxola baten aztarnak topatu zituzten ikerlariek. "Uste da lehenago etxoletan bizi zirela familiak, eta kanpoan zituztela animaliak eta gainerakoak". XVI. mendean, berriz, familiaren bizitokia eta bestelako elementu guztiak gune bakar batean sartu zituzten. "Orduan sortu ziren egun ezagutzen ditugun baserri hauek", dio museoko koordinatzaileak.
2001ean Igartubeiti zaharberritu, zabaldu eta bertako dolarea martxan jarri zuen. 2007 arte bisita gidatuak egiten zituzten baserrian, baina 2008an pauso bat aurrerago eman zuten interpretazio zentroa irekita. "Foru Aldundiak ez zuen interbentziorik egin nahi baserrian bertan, ez zuen panelik edo informaziorik ipini nahi. Horretarako ireki zen interpretazio zentroa". Gune horretan dolare-baserrira hurbiltzen diren bisitariak testuinguruan jartzeko ikus-entzunezko informazioak daude, baserrien sorrera eta bilakaeraren berri ematen dutenak. Bestelako ekimenetarako aukera ere ematen du, dena den, guneak.
Tailerrak, erakusketak, nahiz kontzertuak dolarean
Sagardo Astea da baserri museoan urtero antolatzen duten ekimen arrakastatsuetako bat. Dolarea martxan jarri eta XVI. mendean sagardoa nola egiten zen erakusten dute hainbat jardueren bidez: kirikoketa erakusketa, sagarraren inguruko tailerrak, dastaketa… Bestalde, martxoan, emakumeen nazioarteko egunaren harira emakumeak baserrian izan duen garrantzia ezagutzera emateko jarduerak ere egiten dituzte. Eta urtean zehar, bestelako hamaika ekimen antolatzen dituzte baserrian: dolarean kontzertuak, hileroko tailerrak, erakusketak –Asier Gogortzaren Mendebalde argazki erakusketa dago orain ikusgai–… Aukera zabala familia, lagun talde nahiz eskolek baserrira hurbiltzeko aitzakia izan dezaten. | news |
argia-6d3d98774c36 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2614/gudua-itzali-ahala-oihaneko-legea-ezarri-diete-siriako-jendeei.html | Gudua itzali ahala, oihaneko legea ezarri diete Siriako jendeei | Pello Zubiria Kamino | 2018-09-30 00:00:00 | Gudua itzali ahala, oihaneko legea ezarri diete Siriako jendeei
Zazpi urte eta erdiz luzatu den gerra basatiak Siriako gizartea zein neurritan aldatu duen ondo jabetzeko denbora beharko da. Potentzia handien kontrolpean, lekuko armada eta milizien arteko guduek herrialdea errotik eraldatu baitute. Interpretazio geopolitikoak eta arrazoi-erruen banaketak alde batera utzita, Synaps agentzia txikiko kazetariek herritarren kontakizunak entzun eta bildu dituzte, hondamendiaren osteko eguneroko bizimodua ezagutzeko.
" Picking up the pieces. How Syrian society has changed " darama titulutzat Synaps agentziaren erreportaje mamitsuak; euskaraz emango luke "Ohiko bizitza berreskuratu nahian. Zenbat aldatu den Siriako gizartea". Peter Harling britainiar frantsestuak sortu zuen Synaps, hogei urtean Ekialde Hurbilean –Irak, Libano, Siria, Egipto eta Saudi Arabian– kazetari jardun ostean. Berarekin ari diren kazetariek orain lan kolektiboan bildu dute Sirian beren begiz ikusi eta bertako herritarren ahoetatik entzundakoaz osatutako irudia: guda ondorengo paisaia.
"Gerrak –hasten da Synaps– eraldatu egin du gizarte siriarra eta denbora beharko da kanbiamenduen neurria hartzeko. Aldaketok ez dituzte ikusten Sirian sartzeko baimena lortzen duten atzerritar gero eta ugariagoek; hauek sarritan diote gauzak espero baino 'normalago' aurkitu dituztela: Damaskoko kafetegiak lepo beteta, Alepon komertzioak berriro irekitzen... Nazionalitate askotako funtzionarioak ere hasi dira etorkizunerako planak marrazten, baikorregiak direnak". Hondamendiak, ordea, arrakala sakonagoak utzi ditu.
Siriako gizartearen aldaketa nagusietako bat gizonezkoen masakrea izan da. Belaunaldi oso bateko gizonak sarraskitu ditu gerrak, hil edo desagerrarazi ez dituenak zauritu edo erbestera bidaliz. Gelditu direnetako gehienak milizia armatuek sortutako sistema bortitz eta ustelkerian oinarrituaren mende bizitzera kondenatuta daude. Adibidetzat, familia alawi hau, kostaldean gobernuak kontrolatutako eremuko herri batekoa.
Amak esan die kazetariei: "Nekatuta gaude gerraz. Nire hiru semeetatik, bata martiria da, bigarrena erdi hilik dago [paraplegiko, gerrako zaurien ondorioz] eta gazteena noiz errekrutatuko duten beldurrez bizi da. Jainkoak amaituko al du gatazka hau: hilerriak gizon gaztez beteta daude".
3.000 biztanleko herri honetako gizon gazteen herena hil edo zauritu ditu gerra luzeak, eta gainerako bi herenak Bashar al-Assaden armadan edo horren aldeko miliziaren batean joan dira, bizia segurtatzeaz gain bizimodua ere irabazi ahal izateko.
Antzekoa gertatu zaie gobernuaren kontrako miliziek indarra eduki duten eremuetan. Adibidez Alepo ekialdean. Armadaren setioa eta bonbardaketak jasan ostean, familiek biziraun behar dute zerbitzu oinarrizkoenik gabe, ekonomia suntsituta eta miliziek ezarritako ordena basatia nozituz: "Familia babestu nahi baduzu, milizia batean sartu beharra daukazu".
Ugariak dira armadari atxikitako miliziek egiten dituzten desmasiak. Talde bakoitzak auzo bat kontrolatzen duelarik, sarritan elkarri tiroka aritzen dira, harrapakinagatik borrokan. Komertzioen jabeek pagatu egin behar diete, babesaren truke.
Beste herritar baten lekukotza: "Eki-Alepon geratutako gazteak milizietan sartu dira, gure arazo larrienak konpondu nahian. Gudariek soldata txukuna jasotzen dute baina bestelako hobariak ere bai, esaterako, argindar generadoreetara sarbidea, merkatariek badakitelako prezio berezia egitea komeni zaiela milizianoei".
Milizian sartu nahi ez baduzu eta ordainetan tiro bat ez hartu, mesedea erosi egin behar diozu –eta garesti– eskualdeko komandanteari: hasierako ordainketa gogorraz gain, zuri dagokizun miliziano soldata berari utzi eta askotan hileroko gehigarri bat ere bai. Ordainetan, berak gudarien nominan ezkutatuta zauzka. Horrela ito dute 2011n Bashar al-Assaden kontra protestan mobilizatu zen belaunaldia.
Arpilaketa orokorra, ekonomia kanibala
Siriako ekonomia produktiboa suntsituta dago eta bere ordez Synapsek ekonomia kanibal sistematikoa deitzen duena ezarri da. Horren barruan, gizartearen osagai txiroenek batak besteari erasoz bizirauten dute. Taafeesh hitz berria izan daiteke garaiotako ikurra: ostutako edozer da taafeesh , etxe batetik eramandako telebista bezala argindar sareetatik ebatsitako hariak.
Damaskoko Yarmouk kanpaleku palestinar famatuan badakite zer den taafeesh . Horko biztanleek beren begiz ikusi dituzte gobernuaren militarrak tankeekin tiraka erauzten lurpeko hari elektrikoak. Milizia bakoitzak besteen eremuetan egiten du taafeesh . Arpilaketaren altxorrak gero kaleko postu eta azoketan ikus daitezke. Etxean zerbait faltan bota dutenek, xantza apur batekin, aukera daukate berenak izandako trasteak bigarrenez erosteko.
"Gerrako harrapakari-ekonomia pixkanaka baina eten gabe ari da bihurtzen bakeko harrapakari-ekonomia", diote Synapseko kazetariek. Atzerrira ihesi joan zirenek, berriz etxeratzeko bide neketsu eta garestiari egin behar diote aurre. Administrazioak eman beharreko edozein informazio sarritan ordainarazi egiten dute funtzionarioek. Zer esanik ez etxeratzeko beharrezkoa dena ordaindu behar bada. Eta etxera bidean armadak bezala miliziek check-point askotan eskatzen dute nork bere zerga.
Harrapakari-ekonomia hau hedatu ahala, ekonomiaren eta gizartearen atal guztiak ustelduz doa. Oso nekez berreraiki daiteke industria edo zerbitzurik egoera horretan. Funtzionario eta abokatu asko baita bulego sendoetan ari zirenak ere, ohiko lanpostuak utzita artekari lanetan hasi dira, herritarrek haien beharra baitute burokraziari paperik txikiena ateratzeko, beti ere ordainduta. Armadunek herritarrei estortsioa eta xantaia egitean artekariok ere kobratzen dute beren partea.
Gerrak eta miseriak itota, bizirauteko ahalegina da herritarren eguneroko ia bakarra. Homs hiriko ikerlari batek esan duenez, "2011n mundu guztia ari zen hemen politikaz eztabaidan. Gaur ez, ez dauka garrantziarik haientzako: bizi egin nahi dute".
Baina Siriaren suntsiketa ikusita, are harrigarriagoa egiten da oinezko siriarrek zein irudimentsu ahalegintzen diren aurrera ateratzen, adorea, pazientzia eta solidaritatea uztartuz. Familia askok bizi da atzerritik senideren batek bidalitako diruz, baina baita Sirian bertan indartu diren elkar laguntza informalezko sareei esker. ere
Herritar batek dio: "Hemen jendeak beti egin du karitatea modu islamikoan. Esan nahi baita, zure ingurukoenak lagundu behar dituzula. Baldin bada norbait zure laguntzaren behar eta zuk lagundu ezin duzuna, bizilagun bat esaterako, orduan zuri dagokizu hura lagundu ahalko duen norbait aurkitzea. Sare horiek indartsu daude, eta gizarte guztia bizi da horri esker gaur egun".
Zazpi urte eta erdiko gerra, milioi erdi hildako, bost milioi iheslari, ekonomia suntsituta... Estatu moderno batetik Erdi Arora jauzi egin balute bezala, Siriako herritarrak elkar babestu behar jauntxo feudalen erasoen pean. | news |
argia-5c41c74d7bde | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/1264-hizkuntzari-buruzko-informazioa-hiztegi-bakarrean.html | 1.264 hizkuntzari buruzko informazioa hiztegi bakarrean | Onintza Irureta Azkune | 2015-03-08 00:00:00 | 1.264 hizkuntzari buruzko informazioa hiztegi bakarrean
Hasi a'uwen hizkuntzatik eta zig-eraino, guztira 1.264 hizkuntza. Munduan 6.000 bat hizkuntza badaude, Termcat terminologia zentroak gutxi-asko seitik bat zerrendatu eta informazio oinarrizkoa biltzea lortu du. Munduko hizkuntzen hiztegia n alfabetikoki ordenatuta daude hizkuntzak eta bakoitza 19 hizkuntzatan nola den emana dago, hala nola, katalanez, arabieraz, gaelikoz, alemanez, ingelesez, espainieraz, euskaraz, frantsesez, galegoz, guaranieraz, italieraz, japonieraz, nederlanderaz, okzitanieraz, portugesez, errusieraz, swahiliz, amazigeraz eta txineraz.
Hiztegian, hizkuntza bakoitzak besteekiko dituen senidetasunak irakur daitezke, baita non hitz egiten den, zein den egoera soziolinguistikoa, zenbaterainoko bizindarra duen, ezaugarri historikoak, eta abar.
Bilaketak egiteko bi modu daude. Alfabetikoki hizkuntzaren izena bilatuta, edo estaturen baten izena eskatu eta bertako hizkuntzen zerrenda eskaintzen du. Inoiz entzun gabeko hizkuntzak asko eta asko dira, hala nola, Amerikako kaapor, pacaguara, haisla eta waikino, eta Afrikako wa maathi, mass, fanakalo eta zanaki. | news |
argia-5c3b44804d0f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/melike-yasar.html | "Askatutako emakumeak izan ezean, ez da Kurdistan askerik izango" | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-03-08 00:00:00 | "Askatutako emakumeak izan ezean, ez da Kurdistan askerik izango"
Ernaik, Askapenak eta Bilgune Feministak gonbidatuta, Kurdistango bi militantek hitzaldi-bira egin zuten Euskal Herrian, otsail amaieran. Melike Yaşar da horietako bat. Kurdistango askapen mugimendua izan dute hizpide, bertan emakumeen mugimenduak eta gazteenak daukan garrantzia azpimarratuta. Ikuspegi sozialista tradizionalenetik bestelako eredu bat proposatzera igaro dira kurduak, eta, erasoak gorabehera, horretan dihardute buru-belarri.
Kurdistango askapen mugimenduaren oinarrietako bat da emakumeen mugimendua, bere egitura propioekin antolatuta dagoena.
Kurdistan, ezagun denez, lau estaturen pean banatua dago 1923az geroztik: Iran, Irak, Siria eta Turkia. Bereizketa horren kontra kurduek erresistentzia-taldeak antolatu zituzten berehala, nahiz eta ez zuten luzaroegiz iraun. Dena dela, altxamendu asko izan ziren, adibidez, Dersim eskualdean izan zen bat, 1938an. Emakume askok hartu zuten parte. Kurdistango askapen mugimenduan ikurrak diren emakume mordoa dago.
Militante garaikideago baten izena ekarriko dut hona, orain bi urte erail baitzuten Parisen, beste bi kiderekin batera: Sakine Cansiz. PKK-ko sortzaileetako bat izan zen, eta bizirik zegoela ere oso sonatua zen Kurdistanen, eredu bat zen. Besteak beste, kurduek Cansiz oroitzen dute Diyarbakir-eko espetxeko mugimenduan izandako rolagatik, 1980an, Turkiako estatu-kolpearen ondoren. Kolpe horrek gogorren eraso egin zion orduan sortu berria zen PKKri, besteak beste. Hainbat kide atxilotu zuten, tartean Cansiz, eta Diyarkabir-eko presondegira eraman. Bertako protestetan rol garrantzitsua jokatu zuen.
Esan liteke, PKKren eskutik hasi zela emakumeen mugimendua ere martxan jartzen?
Emakumeek hasieratik hartu zuten parte: unibertsitatean, PKKn… Dena dela, iraultzaren ikuspegi marxista-leninista zuten abiapuntu. Mugimenduarentzat garrantzitsua izan zen emakumeek parte hartzea, baina, nazioaren kausari zerbitzu egiteko. Noski, emakumeen berdintasunaren gaia mahai gainean zegoen; gainera, Kurdistango gizartean egitura patriarkalak erroraino sartuta zeuden. Edonola den, marxismoan bezala, iraultzaren osterako kontu gisa hartzen zen emakumeen askapena: iraultzaren ostean, estatu independente bat lortu ostean, denok izango gara libre, baita emakumeak ere. Hori akats handia da, horregatik joan zen pikutara errealsozialismoa, emakumeen gaia nazioaren atzetik ipini zelako.
Noiz hasi zen hori aldatzen?
Borroka armatua hasi zenean, 1984an, emakume askok jo zuten mendietara, borrokara. Emakumeen mugimendua esnatzen hasia zen, eta bultzada handia izan zen honetaz jabetzea: mendira jo zuten emakumeetako askok erabaki hori hartu zuten, ez hainbeste nazio askapenagatik, ez bada egitura feudal eta patriarkaletik askatzeko aukera gisa ikusten zutelako PKKren mugimendua.
Zer egoerarekin egiten zuten topo mendira joandako emakumeek?
Paradoxa handi batekin; izan ere, mendian, emakume eta gizon militanteak zeuden, bi-biak. Baina, gizon militanteak feudalak ziren, eta uste zuten emakumeek ezin zutela borrokatu. Parte hartu nahi bazuten, asko jota, atzeko lerroetan gera zitezkeen. Öcalanek bazuen horren berri eta horregatik aztertu zuen familiaren eta emakumearen gaia. Hasi zen jabetzen, askatutako emakumeak izan ezean, ez zela askatutako Kurdistanik izango.
Öcalanek izan du, beraz, eraginik.
Bai, are, hasierako garai hartan Öcalan Damaskon bizi zen eta formazio politikorako eskola bat zeukan. Militanteak eta komandanteak deitzen zituen horra, eta emakumeen askapenari buruzko formazioa ematen zien, irakasten zien sozialismoak emakumeen askapena izan behar zuela erdigunean. Eskolatik irten ondoren, formatutako pertsona horiek gizarteari helarazi behar zioten ikasitakoa. Herritarrek emakumeen askapenaren ikuspegia onartu zuten, Öcalanek zioelako eta buruzagi maitatua delako. Bihotzean eta buruan ikuspegi hori sinesten ote zuten ez dakigu, baina Öcalanek esandakoa bete egin behar zen. Hori abantaila handia izan zen guretzat, geure alde erabili dugu.
Bestalde, 1995etik aurrera, emakumeen askapenaren aldeko taktika bat jarri zuen martxan, erabat ezohikoa: lehenik, emakumeen mugimendu independentea hasi zen. Emakumeek beren kabuz antolatu zuten beren kuartela eta ekintza propioak egiteari ekin zioten –horri esker gizonen eta herritarren errespetua irabazten hasi ziren–, gero, emakume komandanteak ipini zituen gizonezkoen milizien buru, eta, azkenik, emakumeen alderdia sortu zen.
Zer motatako gizarte-lanak egiten dituzte emakumeen mugimenduko egiturek?
Kurdistango emakume militanteen metodo garrantzitsuenetako bat da etxez etxe joatea, mugimenduaren aldeko dirutxoa biltzera. Militanteek ez daukate etxe propiorik eta ez dira ezkontzen, 24 ordu eskaintzen dizkiote mugimenduari eta gizarteari. Benetan oinarritik hasitako mugimendu bat da. Egunean zehar, gizonak etxetik kanpo daudela, emakumeengana joan eta beraiekin hitz egiten dute. Sentsibilizazio-lanak egiten dituzte, esaten diete beraiek ere badirela mugimenduaren parte, are, beraiek gabe mugimendua ez zela posible izango.
Horrela, etxeetan dauden emakumeek beren arazoak kontatzen dizkiete batzordeetako emakumeei. Emakumeak joan daitezke batzordeetara eta esan: nire senarrak jo egiten nau, edo nire senarrak alaba ezkonarazi nahi du, 20 urte eskasekin.
Noski, emakumeentzako babes-etxeak daude, besteak beste, indarkeria jasan dutenentzat. Etxe horiek ez dira Europako edo Turkiakoak bezalakoak, ez dira babes-etxe soilak. Aitzitik, komuna gisa funtzionatzen dute: formazioa jasotzen dute, tailerretan parte hartzen dute, irakurtzen eta idazten ikasteko.
Gaur egun, Kurdistango askapen mugimenduaren paradigman, alegia, Konfederalismo Demokratikoan (KD), ezinbesteko zimendua da emakumeen askapena.
Öcalan espetxera sartzearekin batera fase berri bat hasi zen, bake-prozesu bat. Bertan, kritika eta autokritika prozesu bati ekin zitzaion. Öcalan konturatzen zen gauza asko lortuak zirela Kurdistan independente baten alde, baina jabetzen zen zerbait falta zela. 1999tik 2003ra, kontzeptu batzuei buruzko eztabaida egin zen: errealsozialismoa, patriarkatua, boterea eta sexismoa. Estreinako aldiz hasi ziren mugimenduaren barruan eztabaidatzen zeintzuk ziren errealsozialismoaren akatsak, zeintzuk ziren Marxen akatsak. Izan ere, nazio independentziaren ikuspegia ez zen aski gizartearen arazoari erantzuteko.
Konfederalismo Demokratikoaren (KD) paradigma demokratikoa da, ekologikoa, sexismoaren kontrakoa, eta emakumeen askapena du erdigunean. Estatuaren adar militarra, esate baterako, eraldatzea proposatzen du, eta armadaren ordez, herriaren autodefentsarako unitateak ezartzea, autodefentsa zilegiaren ildoa jorratuta: defenda zaitezke, baina ez daukazu erasotzeko armadarik, egitura inperialistarik.
KD sabai-egitura bat da, hainbat adar ditu: gazteen mugimendua, alderdi politikoa (PKK)… Bertan kuota berri bat ezarri zen: egitura guztietan egon behar du gizon adina emakume. Gainera, emakume horiek ez dituzte gizonek hautatzen, emakumeen mugimenduak bidaltzen ditu eta kito, onartu behar dituzte. Bestelako irizpideak ere ezarri ziren: emakume baten kontra indarkeria erabilitako oro zuzenean kanpora doa, baita bi emakumerekin ezkontzen dena ere bai.
Paradigma berri hori fruituak ematen ari da Rojavan (Mendebaldeko Kurdistan, Siriako Estatuaren parte den kurduen zonalde autonomoa).
Bai. Hedabideek batez ere alderdi militarra erakutsi dute: emakumeak ausarki borrokatzen direla eta abar; pozgarria dena, bestalde. Ez dute berririk eman sistema osoaren eraldaketari buruz, baina oinarrian KDren sistema ez balego, emakumeen askapena erdigunean daukana, emakumeak ez lirateke frontean borrokan arituko.
Zertan datza Rojavako sistema berria?
2011n gatazka hasi zenean, ez genuen Siriako erregimenarekin bat egin, ez eta erregimenaren kontrako koalizioarekin. Aitzitik, gure hirugarren ildoa ezarri genuen: KD. Udaberri Arabiarra hasi zenean, guretzat guztiontzat itxaropengarria izan zen, emakume arabiarrak diktaduraren kontra altxatu zirelako. Diktadura eraitsi zuten, baina beste bat etorri da, eta emakumeen egoera are okerragoa da orain, ez baitzeukaten alternatibarik. Rojavaren kasuan ez da hori gertatu kurduak prest zeudelako eta kaosa hasi zenean, beraien alde baliatu zuten.
Rojavan, adibidez, kooperatibak jarri dituzte martxan, nekazaritza-eredu propioa ezartzeko. Kooperatiba hauen neurrietako bat izan da ikustea zer lur zeuden erabilgarri eta nola ari ziren erabiliak izaten. Hartara, langabezian dagoen jendea bideratu daiteke jorratu gabe dauden lurretara.
Azken asteak oso itxaropentsuak izan dira Kobanen.
Bai. Baina, orain Kobane berreraiki behar da: azpiegiturak eta beste hainbat gauza. Deialdia egiten diogu jende guztiari, denek lagun dezakete, dirua emanda edo hara joanda: arkitektoak, sendagileak… denetik behar dugu. Helburu horretarako, elkartasun-batzordeak martxan jarri ditugu nazioartean, baita hemen bertan ere, Euskal Herrian. Hain zuzen, egunotan egin ditugun hitzaldietan, askok galdetu didate ea zer egin dezaketen Kobaneren alde. Behar-beharrezkoa zaigu laguntza guztia: egitura berri bat eraikiko da Kobanen. Mundu berri bat zabalduko da. | news |
argia-7f9a1d2f7132 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/bilboko-liburu-dendak.html | Lauaxeta eta Kirikinorenak egin du | Itziar Ugarte Irizar | 2015-03-08 00:00:00 | Lauaxeta eta Kirikinorenak egin du
Batzuk badoaz eta besteak badatoz dio kaleko esanak, eta horrek zenbait ohitura atzean utzi eta garaira egokitzeko formula berriak asmatzea dakar maiz. Bilbon euskal kulturarako erreferente izan diren liburu denden argiak itzaltzen ari dira, baina sektoreak bizi dituen zailtasunei erronka hartuta dabilenik bada.
Apalak erdi hutsik barruan eta "erretiroagatik likidazioa" iragartzen duten kartel handiak kanpoan. Hala dago Bilboko Lauaxeta liburu denda. Sektoreak bizi duen egoera estua eta osasun arazoak tarteko, ateak itxi ditu otsaila amaitzearekin bat, iazko ekainean Kirikiñok egin bezala. Sorkunde Arregi eta Txomin Saratxaga senar-emazteak daude liburu denda horien atzean. Urteetako lanarekin gustura baina agur esatearen penaz mintzo da Arregi. "Egungo egoera benetan zaila da, asko borrokatu behar da", dio.
Liburu denda biak euskal kultura ardatz zuten liburuak zabaltzeko erreferentziazko espazioak izan dira Bilbon. Saratxagaren eskutik, 1976an ireki zen Kirikiño, euskal gaiak lantzen aitzindaria hirian. Lau urteren bueltan ireki zen Lauaxeta eta Arregik hartu zuen horren ardura. Hezkuntzako materialean eta haur eta gazte literaturan jardun du bereziki, baita paper denda bezala ere. Halaber, Lizardi izenarekin hirugarren liburu saltokia ireki zuten Deustun, baina zortzi urtera itxi zuten.
Hastapeneko urteen oroitzapen ona gordetzen du Arregik: "Ilusio handia zegoen, alor askotan". Bilbon euskaltzaletasuna indartsu zegoen eta 1977ko urtarrilaren 21ean, ikurrinak salgai jartzen lehen lokala izan zen Kirikiño. Zirraraz hurbildu ziren asko erostera, baina Aliantza Popularreko hainbat jarraitzaile ere oldartu zitzaien dendaren ateetan.
"Dena aldatu da ordutik", uste du Arregik. Batez ere, saltzailearen eta eroslearen arteko tratua. "Lehen gehiago solasten zen, orain inork gutxik galdetzen dio saltzaileari liburuen gaineko iritzi edo gomendiorik".
Argitaletxeekin ere harremana gaiztotuz joan dela dio. "Orain liburu guztiak ikastetxeetan saltzen dira, irakurgaiak zein ikas-materiala. Argitaletxeek haiengana jotzen dute eskaintza hobearekin, eta bezeroak kendu". Horrek euren jarduna asko zaildu duela dio. Dena den, Arregiren esanetan, badaude erreleboa hartu dieten denda txikiak, "baina beste modu batean".
Zazpikaleetako Verdes
Iritzi berekoa da Joxemari Iturralde, Pott bandako kide izandako idazlea. "Gauzak izugarri aldatu dira, eta ez beti onerako. Egun liburu denda gehienak almazenak dira, liburuak –best sellerrak gehien bat– pilatuta dauden tokiak".
Izan ere, aurten beteko dira hamar urte hiriburuko beste liburu denda historiko bat itxi zela: Zazpikaleetako Verdes. Beste askoren artean, Pott bandakoen liburu denda kuttuna izan zen eta frankismotik ateratzen ari zen hiriarentzat paper garrantzitsua jokatu zuen honek ere euskarazko liburuak zabaltzeko.
Iturraldek dioenez, "ez ziren soilik liburuak saltzeko tokiak, baita lagun, ezagun eta euskaltzaleen biltokiak ere, iman bat bezala funtzionatzen zutenak euskaraz aritzeko, euskal kulturaz hitz egiteko eta euskal liburuak ezagutarazi eta zabaltzeko".
Digitalizaziori aurre egiten
Alderdi anitzetan "gaurkotu ez izana" da Anti liburu dendako Javi Nevadoren ustez egun liburu saltoki ugarik ateak ixtearen arrazoietako bat. Kate handietatik at, Bilboko liburu denda esanguratsuenetakoa da egun Anti, San Frantsizko auzoaren barrenean. "Ikuspuntu kritiko eta alternatibo batetik, kultura garaikidean eta sorkuntzan espezializatutako denda da". Krisi ekonomikoak zuzenean eragin dien arren, hamar urte betetzear den proiektua apurka haziz doalako baikor mintzo da Nevado sektorearen geroaz.
Egun liburu denda txikien gakoak espezializazioa eta subjektibitatea direla dio: "Proiektuari pertsonalitatea eta izaera erantsi behar zaizkio". Horregatik, liburuen aukeraketari garrantzi handia ematen diote, "saltoki handiek oso gutxitan egiten dutena".
Irakurtzeko ohiturei dagokienez, jende asko papera utzi eta pantailan irakurtzera igaro den arren, internetek liburu elektronikoak baino gehiago eragin duela uste du Nevadok.
Javier Camara liburu saltzaileak "alderdi neurologikoan" antzematen du sektorearen mehatxurik handiena, digitalizazioarekin pentsatzeko era bera aldatuz doalako. Camararen aitonak abiatu zuen familiaren abizena daraman liburu denda. 80 urte igaro dira ordutik eta urteetako ibilbide horretan aldaketa handiena iraultza digitalak ekarri duela dio. "Teknologia berriak gailenduz doaz lehen liburuak nagusi ziren aisialdi-espazioan, eta ondorioz industria gutxituz doa ezinbestean".
Baina bada liburu dendek bai, eta internetek inoiz izango ez duen zerbait: espazio fisikoa. Camararen esanetan, "espazioa baloratu egin behar da, giroa landu, ekintzak antolatu, liburu artean aritzeko espazio atsegina sortu…". Bestetik, gero eta liburu saltzaile gehiagok produktua dibertsifikatzearen aldeko apustua egiten dutela dio. "Liburuekin nahikoa ez bada, papertegiko materiala, jokoak eta beste saltzea ere izan daiteke bide eraginkor bat".
Euskararentzat leku gutxi
Antik lau gairen inguruko liburuak biltzen ditu batik bat: diseinua, narratiba, artea eta pentsamendua. "Diseinuaren arloan, oso gutxi daukagu euskaraz, gutxi argitaratzen delako, baina gainontzeko arloetan badaukagu, baita haurrendako liburuetan ere". Hala ere, euskarazko eskaintza orokorra, gaztelaniazkoarekin alderatuta, %5-10 inguru baino ez da.
Camara liburu dendaren kasuan ere euskararen lekua urria da. Eskaera handirik ez dutela aitortu du saltzaileak, bezeroak horretara ohitu dituztelako akaso. "Nire aitonak eta aitak ez dakite euskaraz, eta nik ere ez dut ikasi. Oso zaila da ezagutzen ez duzun hizkuntza bateko liburuak saltzea. Urtetan arrastan daramagun akatsa da". | news |
argia-70414da25678 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/emakumeak-xx-mendean.html | Ezkutuko amandreak argitara | Alejandra Goikoetxea | 2015-03-08 00:00:00 | Ezkutuko amandreak argitara
27 emakume, 27 istorio eta 27 bizibide jaso dituzte Ezkutuko Amandrea proiektuan. XX. mendeko emakumeen bizimodua nolakoa zen ezagutu guran, Lekeitioko emakumeak elkarrizketatu dituzte, liburua eta dokumentala osatuz. Jasotakoa kontatu digu Ale Goikoetxeak, egileetako batek.
Lana hasi genuenetik denbora asko pasatu da. Tarte horretan hogeita zazpi emakumeren testigantzak jaso, eta egungo Lekeitio ulertzeko ezinbestekoa zaigun iraganari beste kolore eta xamurtasun batez begiratzen ikasi dugu. Itsasoa entzun eta lehen ez bezala, arrain kaxa pisutsuak alde batetik bestera garraiatzen zituzten emakumeak etortzen zaizkit orain burura. Fabrika hitzarekin ostera, zortzi, hamar edo hamabi orduz antxoei burua kentzen lan egiten zuten emakumeek betetzen dituzte nire gogoetak. Gerra garaiarekin aldiz, kartzelan jaio ote zen gaur egun oraindik ziur ez dakien emakumearen zalantzek ordezkatzen dituzte ordura arte gerraren gordintasunaz entzundakoak.
Lan honen bitartez, eskola ia zapaldu ere egin ez duten emakumeak ezagutu ditugu. Gerra Zibilaren aurretik, artean neskato zirela eskola utzi eta lanera atera behar izan zuten. Matilde Arrasatek esaterako eskolan izan denik ere ez dauka gogoan, neskame joan behar izan baitzuen umea zela. "Ez nintzen joan, bapez! Atzean neukan koadrila eta ezin joan, nik negar egiten nuen, eskolara joan nahi nuelako" gogoratzen du ostera, Gregori Goitiak.
Euskarazko izenak jomuga
Gerraostean eskolan izan zirenak ere ez zituzten garai xamurrak igaro. Euskararekin borroka handia izan zen Lekeitioko ikastetxeetan. Eskola guztiak gaztelaniaz hartzen zituzten. Ikasleek debekatuta zuten irakasleekin zein beraien artean euskaraz egitea eta zigorra zen arau hori betearazteko bidea. Irribarretsu gogoratzen du Mila Mendiak euskaraz hitz egiteagatik mojek "a barrer, a barrer" agintzen ziotela. Baina auzi gatazkatsuena euskarazko izenen kontrakoa izan zen. Frankismoko mojek euskarazko izenak gaztelaniazkoengatik ordezkatzea erabaki zuten. Maria Milagros Arrasatek bere ikasgelan legea ezarri zuten unea gogoratzen du; ordutik aurrera Karmele Carmen izango zela, Miren Maria, Maitena Amanda… Kartoizko maleta hartu eta "banoa" esan zuen Arrasatek, "niri ez dit inork izena kenduko", eta gehiago itzuli ez.
Emakume bakan batzuek baino ez zituzten goi mailako ikasketak burutu, gehienek lan mundura jauzi egin behar izan baitzuten. Teodora Goitizek esaterako, irakasleak ikasten jarraitzeko gomendatu arren, etxean dirurik ez zela eta okindegian hasi behar izan zuen lanean 12 urte baino ez zituenean. Neba-arreben artean gainera, bakarren bati ikasteko aukera aitortzen bazitzaion, mutilak izaten ziren zer edo zer ikasi ahal izaten zuten bakarrak. Terese Eigurenek ere, suminduta gogoratzen du beraien etxean hiru neba-arrebetatik bakarrak ikasi zuela, mutilak.
Lanorduak kantuan eta kontu kontari igarotzen bazituzten ere, ordutegi barik eta baldintza gogorretan egin ohi zuten lan. Sarri asko gainera, gizonek baino alogera baxuagoak jaso ohi zituzten. Itxaropena Bengoetxeak gaztaroko sasoia arrain fabrikara lotuta eman zuen: "Ordu asko. Ez genuen ordurik. Hantxe beharra amaitu artean, ez genuen ordurik. Binaka enkargatuaren etxera jatera eta bueltan kabanara [arrain fabrikara]. Egoten ginen gaueko zazpiak arte, baina gero, ostera ere deskantsatu eta zortzi eta erdietan hasi eta hamabi eta erdiak edo ordu batak arte beharrian. Halantxik zela eta halantxik. 16 ordu egin behar zen beharra, 16. Zortzi egin behar baziren, ba zortzi. Gauza zetorren modura. Edukitzen genituen umeak eta egun batzuetara kabanara ostera ere beharrean. Baina beti pozik! Beti umore onean! Orduan kabanetan, egun guztian egoten ginen kantatzen".
Lanera gazte joandakoek beraien soldata amari eman behar izaten zioten, etxean amak izaten zuelako ekonomia kudeatzearen ardura. Hala eta guztiz ere, gerraostean oraindik neska eta mutilen alogeran ezberdintasun handiak egoten ziren."Sarritan esaten nuen nik: gizonen beharrak egiten gaude eta andreen diruagatik. Behar asko eta diru gutxi", dio Teodora Goitizek.
Gizona arrantzaren arduraduna izaten bazen ere, portuko lan guztiak emakumeek egin ohi zituzten. Dei egitekoek gizonak itsasora joateko deiadarrez esnatzen zituzten, sare-eginek aldiz, apurtutako trainak konpondu, eta arrainak itsasontzitik kamioietara garraiatzen ere emakumeak ibiltzen ziren, arraina saltzen... Gregori Goitiz arrantzale etxeen azpian deiez aritzen zen, goizeko bostetan: "Fulanooo gora jaungoikoaren izenean itsasora joateko!". Bittori Larreategik ostera, portuan harri ikatzak buruan hartuta gogoratzen ditu garaiko emakumeak.
Tartean Gerra Zibila bizitzea ere egokitu zitzaien emakume askori eta ez zuten gutxi sufritu. Ilea moztuta eta errizino-olioa edan ondoren kalerik kale erabili zituzten, edo gizona espetxean izan eta etxe gabe laga zituzten, edo gudarien zaindari eta erizain aritu ziren mugaz harago…
Hegazkinen hotsa entzun eta koba edo ezkutalekuetan hartzen zuten babes gerra sasoian Lekeition geratu zirenek. Jolas moduan gogoratzen ditu Josune Torrealdaik une haiek: "Kobetara arin-arinka. Abioia ikusten genuenerako ezkuta. Bazkaria ere, amak-eta arinago eginda eroaten zuten, eta koban geundela, hantxe jaten genuen bazkaria. Gero kurika... Olgetan ibiltzen ginen eta kanpaiak jotzen zuenean... dza!".
Testuinguru hartan, belaunaldi hauei gaztaroa Elizaren begiradapean bizitzea egokitu zitzaien. Giza harreman eta jarrera guztiak baldintzatuta zeuzkaten. Orduko moralak finkatutako patroiak jarraitu behar zituzten, horien artean izaera egokia taxutzeko jarraibideak. Janzkera, esaterako, zintzotasunaren edo ganoraren ezaugarria zen. Karmen Murelagak irribarrez oroitzen du herriko abadeak emakume bat elizkizunetik kanporatu zuen unea, prakak jantzita joan zelako elizara.
Sexuari buruzko uste okerrak
Mutilekin izaten zituzten harremanetan bizitako ikara eta tentsioak azpimarratu dizkigute, ezkutuan ibili beharra. Harreman horiek oso azalekoak izan behar zuten, nobio garaian behintzat. Gutxi batzuek ez ezkontzeko erabakia hartu bazuten ere, gehiengoa, bizi-legeari jarraituz, "gizon ona bilatu eta ezkondu" egiten zen. Une horretara arte, gizonekin hain estu sekula egon gabeak ziren emakume gehienak. Tere Eigurenek aipatu digu sexuari buruz aurrez entzundakoak eta ezkontzaren ostean izandakoak ez zirela bat etorri: "Libre zenuela sexua, baina gehiago ez genekien! Eta nahi ez bazenuen ere, egin behar sexo". Ane Miren Sustaetak berriz, entrenamendu falta nabarmendu du algara artean, "honela izaten dela eta bestela izaten dela, ba kalean enteratzen zinen. Eta ez ginenez joan entrenatuta, ba lehenengo gauari itxaron behar".
Ezkondu eta umea ekartzea zen emakume hauen betebehar nagusia, umerik ekartzen ez zuenari kapoia zeritzon. "Ezkontzen zinen eta lehenengo misioa umea ekarri behar. Derrigor zen umea ekartzea", dio Sustaetak. Arrasateren hitzetan, "ez zegoen telebistarik, ez zegoen irratirik; afaldu, argia ez gastatzearren neguan zortzietarako ohean, eta honetarako, horretarako eta besterako denbora zenuen, eta ume asko ekartzen ziren". Seme-alabak etxean eta halamoduz ekarri zituzten mundura elkarrizketatu ditugun emakume nagusienek. Teresa Erkiagak harrotasunez dio zazpi haurrak etxean izan zituela, auzoko emakume baten laguntzaz.
Ezkondu ostean, emakumeek bere gain hartzen zuten etxearekin zerikusia zuen guztia. Gizonak kanpoan egindako lanaren diru-saria etxera ekartzeaz arduratzen ziren. Etxeko nagusiak eta seme-alabak jagon eta hezteko ardura emakumearena zen, eta sarritan ama eta alaben artean banatzen zituzten lan horiek. Garaiko ezkontza kontratuak banaezinak ziren. Hori dela-eta, emakume ugari eutsi beharraz mintzo dira. "Aguanta! Hantxe aguanta! Nik neuk bai behintzat. Gaurko gazteak nik eroan neban bizimodua eroatekotan, apartatuko ziren denak", dio Karmen Murelagak. Egoera ezin jasan eta alkoholean penak itotzeko hautua egiten zuten emakumeak ere izan ziren, baina gizonak ez bezala, etxean eta ezkutuan edaten zuten.
Heriotzak soilik bana zezakeen ezkondutako bikotea. Mari Tere Gabiola alargun geratutako emakumeen egoeraren inguruan mintzo da: "Negar egiteko astirik ere ez! Hurrengo egunean beharrera joan behar, bestela jatekorik ez. Alargunak txarto eta batzuek esaten zutena, batzuk ezkondu beharragatik. Orduan umeak ere asko zeuden, hiru edo lau ume. Zeure beharraz haiek umeak zelan altxatuko zenituen, ezinezkoa!".
Herriari egindako ekarpena zenbaezina da. Emakumeok beren hondar alea jarri zuten han eta hemen: euskalgintzan, ikastolen sorreran, herrigintzan eta baita politikan ere. Sustaetak adibidez ikastolako sortze eta eratze prozesuan emakumeak gogoratzen ditu buru-belarri lanean. Emakume zintzo eta eskuzabalak ziren kostako emakume kresaldun hauek, Angela Uribarrenen esanetan: "Didarra egiten zuten, zarata, baina bestela eskutan bihotza zuten andreak ziren".
Gaur, askatasun eta baliabide gehiago dituzte emakumeek. Etxetik kanpo lan egin dezakete, soldata jaso (nahiz eta beti parekoak ez izan), aukeratutako ikasketak egin, ezkontza-konpromisoa legez apurtu, gura duen momentuan seme-alabak izatea erabaki… Guk aurreko belaunaldietako emakumeen oinordetza jaso dugu, ondare aberatsa hartatik ikasten jarraitzeko, gorde beharrekoa gordez eta aldatu beharrekoa aldatuz. Baina, batez ere, jakinez norberaren baitan ernatu eta hazten dela norberaren oinarrizko askatasuna. | news |
argia-606bb94ae5ea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/txikleak-noiz-arte-eutsiko-dio.html | Txikleak noiz arte eutsiko dio? | Gorka Moreno M�rquez | 2015-03-08 00:00:00 | Txikleak noiz arte eutsiko dio?
Pobreziari eta gizartearen ezberdintasunei buruzko azken datuek hainbat titulu utzi dizkigute, gehienak kezkagarriak. Lehenik eta behin, pobrezia handitu da EAEn 2012tik 2014ra bitartean, aurreko urteetan baino intentsitate handiagoz gainera.
Esanguratsua da ere azpimarratzea Gini Indizea –gizarte baten barruan ematen diren ezberdintasunak neurtzen dituen adierazlea– bi urteko tartean beste tarte luzeagotan baino gehiago hazi dela. Ez handitu bakarrik, arazoa ez da klase ertainak behera egiten ari direla, behean daudenak gero eta okerrago daudela baizik. Hortaz, ematen du, krisiaren ondorioz kaltetuenak ez direla hainbeste klase ertainak, gizarte-zaurgarritasun egoeran kokatzen direnak baizik.
Datu horietatik abiatuz interesgarria izan daiteke gogoeta egitea euskal gizarte-kohesio ereduaz eta horren mantentzeari buruz. Euskal gizartearen ongizatea bermatzeko ezinbestekoa izan da industriaren sektorea eta horri lotuta dauden soldatak. Momentu hauetan, lan erreforma ezberdinen ondorioz, eredu hau zalantzan dago eta gero eta soldata baxuagoak jasotzen dira industriaren sektorean, nagusiki enplegu berria lortzen dutenen artean, sarritan lantegi berean bi langile talde topatuz: baldintza onak dituztenak eta behin-behineko egoeran daudenak.
Horri lotuta, azken urte hauetan ikusten ari garen tendentzia pobreziaren perfilen aldaketa nabarmena da. Horrela, duela 15-20 urte adinekoak pobrezia tasa handienak pairatzen zituzten taldea baziren ere, krisiaren ondoren pobreziaren perfila izugarri gaztetu da; umeen eta gazteen artean ematen dira pobrezia tasa handienak. Adinekoen egoera azken urteetan mantendu egin da eta zenbaitetan hobetu ere bai, pentsioetan jaitsierarik ez delako eman, eta gainera, batez besteko pentsioaren kopurua gero eta handiagoa delako, horretan ere industria sektoreak zerikusi duelarik.
Egoera kafkiar baten aurrean gaude beraz, soldata baxuak eta langile pobreak diren gazteak ari dira euren kotizazioen bidez adinekoen pentsio altuak finantzatzen, askotan langile horiek inoiz jasoko ez dituzten diru-kopuruak jasotzen dituzte pentsionistek. Epe ertain eta luzera begira egoera sostengaezina izango da, egoerak hobera egin beharrean okerrera baino ez du egingo hurrengo urteetan, gizarte-ezberdintasunak areagotu baino ez dira egingo euskal gizartean. | news |
argia-c52b56616645 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/bidexka.html | Kantuaren xarma | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-03-08 00:00:00 | Kantuaren xarma
Aire ahizpak
Erroa, 2014
Harrigarria bada ere, Aire ahizpek duela gutxi kaleratu dute lehen diskoa, iazko abenduan, baina pozik gaude beren ahots gozoak eta sendoak eta haien kantatzeko modu aparta eta hunkigarria disko luze batean entzuteko parada dugulako.
Aurretik, besteak beste, Euskal Herria Zuzenean festibalerako Arrosako zolan kantua grabatu zuten; Txakun taldearekin Santxo Azkarra lo dago kantua; Mikel Markezekin Konplize ditut ; eta Niko Etxartekin ere grabatzen arituak dira, baina haien disko luzerik ez, Bidexka osatu duten arte.
Miren, Amaia eta Paxkalin Airek orain dela 23 urte kantatu zuten plaza batean lehen aldiz, baina txikitatik kantuz aritu dira etxean, Urepelen (Nafarroa Beherea). Egunero-egunero. Haienean musika beti egon baita giroan, autoan ere bai, aitarekin eta amarekin bidaiatzen zutenean. Sehaska kantuekin batera, bazkaltzeko tenorean irratiz entzuten zituzten bertsoak izango dira segur aski haien lehendabiziko musika oroitzapenak. Etxe hartan bertsoak arretaz entzuten baitziren, aita Mixel Aire bertsolaria baita, eta aitona Xalbador.
Amak etxeko pianoaz egiten zituen harmonizatze lan ederrak eta joaldi gozoak ere aitzakia ona izan ziren hiru alabak kantuan hasteko. Etxeko lanak elkarrekin egiten aritzen zirenean, amak askotan esaten omen zien: "Zuek edo kalapitan ari zirezte edo, bertzenaz, kantuz emaiten duzue egun guzia". Ordurako, Mirenek, Amaiak eta Paxkalinek kanturako zaletasuna barruan txertatuta baitzeukaten. Lagunartean kantatzen hasi ziren eta gero plazara atera ziren beren herrian.
Aitak eta amak etxean zituzten diskoen artean baziren batzuk, maiz entzuten eta kantatzen zituztenak, eta horiek dira diskoan eskaintzen dizkigutenak. Klasiko bihurtu diren kantak, euskal kantagintza berriaren sortzaileen ahotik ezagutu genituenak: Mixel Labeguerie, Eñaut Etxamendi, Pantxo Etxeberri, Ramuntxo Carrere, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete...
Kantu horien doinuak eta hitzak ez dituzte aldatu, baina amarengandik ikasiriko harmonizatze ederrez eta beren ahots paregabeez jantzi dituzte. Kantu horiekin batera, duela urte batzuk sortu zuten Arrosako zolan ere bildu dute diskora.
Bidexka lanaren bidez, Miren, Amaia eta Paxkalin Airek omenaldi gisako bat egin nahi diete sortzaile horiei eta beren gurasoei, kulturaren transmisioan bidea ez eteteagatik. Diskoa, funtsean, bidexka xume bat da, tradizioaren bide nagusiari estu lotua dagoena.
Xabier Leteren Lore bat zauri bat Leteri egin zioten omenaldi batean parte hartzeko ikasi zuten; Mixel Labeguerieren Mendiaren deia ere Labeguerieri egin zioten omenaldirako; Euskal Herriko poeta Eñaut Etxamendiren omenez kantatu zuten, eta Semeari haien aitona Fernando Aire Xalbador bertsolariaren omenez. Diskoan, Xalbadorren beraren Neska bat haur beharretan bertsoa ere kantatzen dute.
Timoteo Ozaeta arduratu da grabazioaz, nahasketez eta masterizazioaz, eta lan ederra egin du, Aire ahizpen ahots bikainei eta haien arteko harmonizazioei distira emanez.
Diskoko hamahiru kantuetatik erdiak ahots hutsez egiten dituzte. Gainerakoak, Sebastien Desgrans akordeoi jotzailearekin. Haren notak Aire ahizpen ahotsen laguntzaile xumeak dira, eta Miren, Amaia eta Paxkalin Airek beti bezala kantatzen dute, gustukoa duten kantatzeko modu horren bidetik, naturala, xaloa eta artifiziorik gabekoa. Haien kantuaren zirrara ederki transmititzen dute. Kantuaren premiarengatik kantatzen baitute, besterik gabe. Oso politak iruditu zaizkit Hala ere (Xabier Lete, Lourdes Iriondo), Semeari (Xalbador, Pantxo Etxeberri), Maitasun honek zugan dirudi (Sara Soto), Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak (JosAnton Artze, Mikel Laboa), Neska bat haur beharretan (Xalbador, Ramuntxo Carrere), Hitzak dira (Xabier Lete, Lourdes Iriondo) eta Martxa baten lehen nota k (JosAnton Artze, Mikel Laboa).
Kantu bakoitzean "halako egiatasun bat" aurkitzen dute, Aire ahizpek beraiek diskoaren aurkezpenean esan zutenez. "Zerbait kontatzen duena. Sakona. Horrek gaitu hunkitzen. Biziari buruzko galdera batzuen inguruko poemak dira. Ez dute baitezpada iraungitze egunik. Bizitzen ahal dira horiek berdin 20 urte lehenago edo 20 urte berantago".
Gu ere hunkitzen gara Aire ahizpak kantu horiek abesten entzuten ditugun bakoitzean, eta Bidexka diskoari esker sarriago hunkituko gara. | news |
argia-0b053787b5ec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/andraizea.html | Izena direnak eta izenik gabe direnak | Amaia Alvarez Uria | 2015-03-08 00:00:00 | Izena direnak eta izenik gabe direnak
EGILEA ::Irati Goikoetxea
Ipuin bilduma
Erein, 2014
Egilea matematikaria dela aprobetxatuta formari kopuruetan begiratuko diogu: 14 ipuinek osatzen dute lan hau, haietatik 12k emakume izen bat dute izenburu eta 2k "gizona" eta "emakumea". Ipuin gehienek 6 orri inguruko luzera dute, baina Sara izenekoa orri batekoa da. Ahots narratiboari dagokionez, 3 ipuinetan protagonistak 1. pertsonan kontatuta daude, eta 2tan agertzen da "ni" batek "zu" bati kontatzen diola istorioa.
Protagonistak emakumeak dira liburuaren eta ipuin bakoitzaren izenburuetan ikus daitekeenez, baina gehienetan ez dute haiek hitz egiten, besteen begiraden argitan ezagutzen ditugulako. Izenburuak hego haizeari eta zoro haizeari egiten dio erreferentzia, irudimenari, fantasiari, pentsamendu magikoari lekua eginez kontatzeko moldean. Ahozko literaturako hitz jolasak eta irudi-kateak dauzkagu orriotan, errepikapen, kolore eta zentzumenen erabilerarekin batera ametsetako mundu batean kokatzen gaituen estiloaz. Izan ere, Virginia Woolfen hurrengo aipua agertzen da ipuinetako batean, lan honen tonua zein den argi erakusten duena: "Bizitza amestea da. Esnatzea da hiltzen gaituena".
Estilo alai eta jostaria izan arren gai sakon eta gatazkatsuak agertzen dira ipuinotan: zahartzaroa, heriotza, galera, dolua, abandonua, hausturak, maitemina, beldurra, pobrezia, bazterketa soziala, (botere) harremanak, tratu txarrak, inkomunikazioa... "Bizitzaren zuloak", "itota ibiltzen ikasi duten pertsonak" eta "sarrailarik gabeko ateak" agertuko zaizkigu tarteka. Baina bereziki "izena duenak izana du" esaerarekin egingo dugu topo etengabe. Izena –eta hari lotutako izana– duten edo izenik ez duten –baina badiren– pertsonak izango ditugu; batzuek haien erdipurdiko baldintzak onartu eta horiekin aurrera egingo dute, eta besteak aldaketarako puntuan topatuko ditugu irakurketan.
Amaitzeko, irakurle, Adela ipuineko pasarte bat ekarriko dugu narrazio hauetan topatuko duzunaren erakusgarri: "Uxue saiatzen da horrelakoetan begiak txiki-txiki jarri eta urrutira begiratzen, baina ez daki oso urrutira iristen ote zaizkion. Begiak. Irudimena bai, irudimena oso urrutira iristen zaio, eta horrek salbatzen du betaurrekoak janztetik. Bestela betaurrekoak erabili beharko lituzkeela uste du". | news |
argia-a42952f70375 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/eaen-enpresak-haserre-igrako-laguntza-publikoak-direla-eta.html | EAEn enpresak haserre I+Grako laguntza publikoak direla eta | Joxerra Aizpurua | 2015-03-08 00:00:00 | EAEn enpresak haserre I+Grako laguntza publikoak direla eta
2020rako, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudiekin bateratu du EAEko I+G estrategia. Aurreko asteetan gure ikerketa zentroen urduritasunaren berri eman dugu; orain enpresei dagokie. Bi hitzetan: EAEn ikerketa egiten duten enpresei diru gutxiago eta baldintzak gogortzea ekarri du 2015eko Gaitek deialdiak.
2014an 1.400 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik 800ek jasoko dute nolabaiteko finantzazioa, 2015eko otsailean emandako ebazpenaren arabera. Urtea igarota eta, beraz, proiektuak amaitu ondoren ezagutu dugu finantzazioaren zenbatekoa. Ona da diru publikoaren kontrol neurriak ezartzea, baina administrazioak ere liderra izan beharko luke berrikuntzan eta kudeaketan; aurten gerrikoa estutzea eskatu zaie enpresei, eta antza denez administrazioak ez du inolako berrikuntzarik aurreikusi, publikoki bederen. Ondorioz, enpresetan urduritasuna eta haserrea zabaldu dira. Eta hori ez da egokia ikerketarako. | news |
argia-7160591e21cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/goonies-never-say-die-salba-dezagun-abenturazko-generoa.html | "Goonies never say die": salba dezagun abenturazko generoa! | Gaizka Izagirre | 2015-03-08 00:00:00 | "Goonies never say die": salba dezagun abenturazko generoa!
Abentura zer den hitz gutxitan definitu beharko banu, Omar Sharifek Lawrence of Arabia (1962) filmean esaten duena berreskuratuko nuke: "Ez dago ezer idatzia, norberak idazten duen arte". Alegia, abentura bat, gidoitik kanpo bizitzea dela, gure egunerokotasun arrunt hori utzi eta espero ez genuen patu hori bizitzea azken finean. Agian horregatik liluratzen gaituzte hainbeste abenturazko filmek, iraganeko nostalgia hori sentiarazten digutelako. Zoritxarrez, azken urteetan genero zoragarri hau desagertzen ari dela uste dut, gaur egun apenas egiten diren mota honetako filmak –kalitatezkoak esan nahi dut– eta galtzear daude gure haurtzaroan kapela eta zartailuarekin jolasteko desira piztu ziguten pelikulak, hogei urte geroago John Williams konposatzailearen soinu banda gure garunean itsatsirik mantentzea lortu zuten istorio haiek.
Zergatik diodan generoa erdi hilik dagoela? 80ko hamarkadan jaio eta hazi nintzen eta izugarri gozatzen nuen gaur egun kultuzko bilakatu diren film zoragarri haiekin. Betidanik pentsatu izan dut, izugarrizko lotura eta konexioa sortzen dela txikitan bizi izan genituen istorioekin. Sekulako pasioa sentitzen dut gaur egun, garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkidan bakoitzean. Ikusi besterik ez dago orain gutxi Donostian sortu duten ekimena. Bertako zinezale koadrila batek Bang! Bang! Zinema egitasmoa jarri du abian. Sinetsita daude zinemara joatea film bat ikustea baino askoz gehiago dela, eta horregatik, jarduera ludiko eta parte hartzaileak egingo dituzte emanaldi bikoitzetan. Orain arte Alien-Die Hard eta Life of Brian- Indiana Jones proiektatu dituzte, horrela, saio bikoitzetan. Martxoan datorrena aldiz, sekulakoa: The Big Lebowski eta Goodfellas .
Baina non egon liteke generoaren arazoa? Azken urteetan, zinema-industriak bi film motarekin bonbardatzen gaituela etengabe: super-heroiak eta remake ak –existitzen zen film bat berregitea, alegia–. Lehen aipaturiko 80ko hamarkadako filmak berrikusiz, konturatu nintzen non egon zitekeen gakoetako bat. Lan horiek guztiak talentu izugarria zuten izenekin erlazionaturik zeuden, Steven Spielberg eta Robert Zemeckis esaterako. Garai hartan hasi berriak ziren eta nahiko ezezagunak. Hori dela-eta, gaur egun kontatzen ausartuko ez liratekeen istorio eta pertsonaiak jorratzen zituzten eta gazteei zuzenduriko filmak harribitxi bihurtu ziren. Arrakasta eta ospea irabazten joan ziren heinean, film dramatiko edo "serioagoetan" murgiltzen hasi ziren –ez du zertan txarra izan, noski–, Schindler's list edo Forrest Gump bezalako lan bikainak adibidez. Baina horrek, modu batean esatearren, abenturazko generoa umezurtz utzi zuen. Gaur egun pantailaratzen diren genero horretako film apurrak zuzendari kaskarrek eginak izaten dira. Helburua, 3D formatu iruzurti hori eranstea, ahalik eta diru kopuru handiena lortzeko, kalitateari erreparatu gabe, produktu huts eta narratsak estreinatzeko.
25-40 bitarteko adina duzuenok, zer sentitzen duzue Indiana Jones, Zaparro, Elliot, Sloth edo Marty McFly bezalako pertsonaien izenak entzutean? Edo The Goonies , E.T. , Willow edo Back to the future bezalako filmak gogoratzean? Deskribaezina ezta? Ziur nago gaur egungo umeak gose direla horrelako abenturak irensteko, behin helduak direnean oroitzapen berdinak eduki eta beraien Delorean partikularrean iraganera bidaia egiteko. Abenturazko genero "purua" diodanean, nire ustez, historian egin den adibide onenarekin konparatu beharko genuke, lehen aipaturiko Indiana Jones ekin alegia. Saiatu mota horretako filmen zerrenda egiten eta ohartuko zarete zenbat kostatuko zaizuen 1990etik aurrera zerbait fundamentuzkoa gehitzen –egungo salbuespena Pixar izan liteke, UP edo Toy Story 3 bezalako filmekin–. Nire haurtzaroko film gogokoenaren leloak dioen bezala: " Goonies never say die " (Gooniek ez dute inoiz "hil" esaten): salba dezagun abenturazko generoa!. | news |
argia-cc717bca19e5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2452/mendebaldea-eta-disonantzia-kognitiboa.html | Mendebaldea eta disonantzia kognitiboa | Asier Blas Mendoza | 2015-03-08 00:00:00 | Mendebaldea eta disonantzia kognitiboa
Psikologian, disonantzia kognitiboa gertatzen da pertsona baten ideia, sinesmen eta jarreren arteko talka gertatzen bada, adibidez, gatazkan dauden bi pentsamendu mantentzeagatik edo norberaren baloreei kontra jartzen zaion portaera izateagatik. Bestela esanda, pertsona batek inkonpatibilitate kognitiboa duten bi pertzepzio baditu aldi berean, orduan bere jarreretan inpaktua izan dezakete ideia eta sinesmen berriak sortuz edota lehentasunak aldatuz, betiere bere kontraesanak gutxitu eta ahal bada desagerrarazteko asmoarekin.
Disonantzia kognitiboarekin Mendebaldeak nazioarteko politikan duen moral bikoitza estali baino lurperatu egiten du. Jakina da Putin deabru bat dela eta errusiarrek umeak jaten dituztela, baina hori ez da nahikoa, batez ere arazo "txiki" batzuekin topo egiten denean: frogak. Ukrainako krisian eta gerran Mendebaldeak kontakizun (ipuin) bat sortu du bere demokrazia eta giza eskubideen aurkako jarrera justifikatzeko, hain zuzen ere hor dago disonantzia, balore horiek baitira defendatzen omen dituenak.
Maidaneko manifestarien parte garrantzitsu batek Europan azkeneko hamarkadetan ikusi ez den biolentzia eta sinbologia faxista erabiltzen zituela? Maidanen masakrea gertatzen dela? Janukovitx errudun. Gertakariak pasatu eta bi aste beranduago, elkarrizketa pribatu batean Estoniako kanpo harremanetarako ministroak EBko kanpo gaietarako arduradunari adierazi zion hipotesi sinesgarriena zela frankotiratzaileak Maidaneko oposizioko sektore bat izatea eta gainera, gobernu kolpista berriak ez zuela ikertu nahi. Gero hamarnaka informazio eta dokumental etorri dira bertsio hori babestera, besteak beste, Alemaniako telebista publikoak eginikoa. Urtebete pasatu da eta orain BBCk onartu behar izan du, ezin zela Janukovitxi errua botatzen jarraitu, bestela bere sinesgarritasuna hondoratu egingo litzateke, baina diskurtso berria prestatu du: frankotiratzaileak Errusiaren zerbitzura zeuden. Negargarria.
Frankotiratzaileen afera horrek Janukovitx derrigortu zuen 2014ko otsailaren 21ean akordio bat sinatzera oposizioarekin. Bitartekariak Frantzia, Polonia eta Alemania izan ziren. Ordu gutxi batzuetan oposizioak akordioa hautsi eta parlamentua okupatu zuen. Ehun diputatu baino gehiagok ihes egin zuten eta presidentea legearen kontra kargugabetu zuten indarrez. Gobernu berrian besteak beste Svoboda alderdi faxistaren ordezkariak zeuden, urtebete lehenago Europar parlamentuak kondenatu zuen alderdia.
Odesan Maidaneko jarraitzaile batzuek 40 pertsona baino gehiago erre eta erail zituzten. Bestalde, Kievek deszentralizazio eskaerak ukatu, erabakitze eskubide prozesuak jazarri eta inbasio gerra bat hasi zuen Donbass eskualdean. Kolpistek hasi zuten gerra autonomia eta sezesio eskaeren kontra. Bitartean, Baltikoko herrialdeetan sorgin ehizan daude barneratuak: Estonian italiar europarlamentari ohi bat atxilotu eta deportatu zuten konferentzia bat eman ez zezan. Lituanian eta Letonian kable bidezko telebista kate baten emisioa ezabatu zuten; politikari abertzale lituaniarrak atxilotu edo epaitegietan salatu dituzte beren iritzi politikoengatik, eta Lituaniak polizia berezia sortu du, besteak beste, administrazio publikoak eta enpresa pribatuak presionatzeko iritzi politiko zehatz batzuk dituzten langileak kaleratzeko. Izan ere, John Frederick Charles Fuller-rek azaldu bezala, "demokraziaren indar nagusia ez da bestearekiko amodioa, baizik eta gainontzeko tribu, frakzio eta nazioekiko gorrotoa". | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.