id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-0c31d58e3ede
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/zor-publiko-bidegabeak-europako-udalak-eta-jendeak-ere-itotzen-ditu.html
Zor publiko bidegabeak Europako udalak eta jendeak ere itotzen ditu
Pello Zubiria Kamino
2017-02-26 00:00:00
Zor publiko bidegabeak Europako udalak eta jendeak ere itotzen ditu Bruselan zortzi orduko eztabaida-maratoia burutu dute argitzeko nola estatuek beren gain hartutako zor ez-legitimoek murriztarazten dituzten zerbitzu sozialak eta herritarrak menpekoago egiten. Hirugarren Munduaren zorpetzea ikertzeko sortutako CADTM elkarteak salatu du orain korporazio handiek goi mailako politikariekin elkar hartuta finantza bonba bera darabiltela lehen munduko gizarteetan. Martxoan joatekoak dira Europako Legebiltzarrera Espainian sortu berri den zor publiko bidegabearen aurkako udal elkarteko ordezkariak. Hori jakinarazi dute urtarrilean Iruñean burutu diren MAK2 Munizipalismoa, Autogobernua eta Kontraboterea jardunaldietan. Podemos alderdiak –erkidego autonomoetan dauzkan marka ezberdinak barne– Espainiako udaletan dituen kargu politikoak ari dira bultzatzen zor bidegabeari buruzko eztabaida, azterketa eta behatokiak. Lan horietan aitzindariak izan dira PACD Zorraren Herri Auditoria Plataforma espainiarra eta CADTM Zor Bidegabeak Ezeztatzeko Komitea, mundu osoan zabaldua dagoena. Liderrik ezagunena Alain Toussaint belgikarra duen CADTM 1990ean sortu zen lehen mundu aberatsak herrialde txiroei historian zehar ezarritako zor bidegabea salatzeko; bere siglen azken bi hizkiek Tiers Monde esan nahi dute, Hirugarren Mundua. Geroztik, eta nabarmenago 2008an krisi handia lehertu zenetik, ikusi da munduko eliteek tresna berdintsuak erabiltzen dituztela herrialde aberatsetako finantza publikoak zurrupatzeko. Grezia itotzear daukan zorpetze erraldoia deslegitimatzen lan handia egina du CADTMk: agintea hartu berritan Alexis Tsiprasek eskatu zien laguntza greziarren zorraren auditoria egiteko, nahiz eta azkenean Syrizaren gobernuak Troika k ezarritako memoranduma irentsi behar izan. CADTMk abenduan antolatu zuen " 8h contre la dette " zortzi orduko maratoi luzea gaiaz eztabaidatzeko militante, Europa osotik iritsitako elkarteen ordezkari eta herritar interesatuen artean. 300dik gora jenderen bilkurari hasiera eman zion Silvia Federici militante feminista ezkertiar munduan ezagunak, ondoren berak gidatzeko atelierretako bat: " La dette, arme fatale du capitalisme ". Historiari erreparatuz, Federicik azaldu zuen nola aldatu den azken mendean zorpetzea. XX. mende hasieran kreditua soilik lortu zezaketen hura ordaintzeko ahalmena demostratzen zutenek, diru iturri finkoak zituzten jende urriek alegia, baina gero kontsumo gizartea indartu ahala zabaldu ziren zorrak ere jende arrunten artean. Zor publikoari dagokionez, 60 eta 70eko hamarkadetan langileentzako enpleguak sustatzeko erabiltzen bazen, azken 30 urteetan langabezia zabaltzeko usatu da. Zorra tresna politikoa da ekonomikoa adina. Ekonomiaren norabidea nahasi du, eredu produktibista eta estraktibista sustatu, ekonomia pribatizatzeko erabili, herritarren txirotze masiboa ekarri. Nazioartean asko erabilia da, herritarren erreakzio gutxiago sortu eta desmobilizatzailea delako. "Zorrak –esan zuen Federicik– zanpaketa ezkutatu eta jendeak isolatzen ditu. Soldataren aldeko borrokan sartuta dagoen langilea ohartzen da nozitzen duen injustiziaz eta kolektibitate baten parte sentitzen da. Aldiz, zorretan sartuta dagoena agertzen da diru bat bere probetxurako xahutu duen norbait bezala. (...) Zor publikoaren eta pribatuaren arteko lotura garbia dago, azkenean jendeak zorretan sartu behar baitu Estatuak eman beharko lizkiokeen zerbitzuak bere kasa eskuratu ahal izateko. Baina ez dira ohartzen bankuek egiten dieten zanpaketaz, errudun sentitzen dira gehienetan, pentsatuz zorrak egin dituztela kudeaketa txar baten ondorioz". Lapurreta ondo mozorrotuak Genero osagaia ere badu zorrak, Federicik argudiatzen duenez. Kalterik handienak egiten dizkie obreroei, munduko Hegoaldeko jendeei, beltzei –Federici AEBetakoa da– baina denen aurretik zorrak kolpatzen ditu emakumeak: independentzia ekonomikoa lortzeko borrokan atzera eragin die eta menpekotasuna handitu, batik bat etxeko lanetan. Zorpetze publikoaren aitzakiatan estatuek zerbitzu sozialak murrizten dituztenean, lehen eskueran zeuden zerbitzuak kaltetzen dituzte: haurren zaintza, gaixoen artatzea, zaharrei lagundu beharra... Emakumeei, batetik, etxeko lan bihurtzen zaizkie horiek denak eta bestetik, justu lan horiek besteren etxeetan egiten ere emakumeek hasi behar izan dute miseriazko soldaten truke, txirotze orokorraren barruan beren familiak aurrera ateratzeko. Populazio kontrolerako ere balio du  zorpetzeak, mundu aberatsean bezala txiroan. Federicik dioenez, karrera ordaintzeko prostituziora jo behar duten ikasle gazteak, gainera, zorrak antzututa ere sentitzen dira, ezin dute amestu ama izatea hil arteraino zorrari lotuta bizitzekotan. Beste askok beren uteroa alokatu behar diote ume subrogatuen industriari, horra emakumeen gorputzaren komertzializazio berri bat. Eric Toussaintek aspalditik aldarrikatzen du uko egin behar zaiola zor publiko ez-legitimoak pagatzear i, dirua txiroei kendu eta kapitalistei oparitzeko ponpa baizik ez direlako. Lapurreta doblea. Bat, zor publikoak administrazioek langileei kendutako zergen diruz ordaintzen dizkiete banku handiei, onurak batik bat kapital handiari ekartzen dizkieten proiektuak pagatzeko. Bi, estatuek bankuei barkatzen dizkiete gastu horiekin irabazitako etekinen zergak, opari fiskalen bidez, eta kapitalista handiek zergetatik aurreztutako dirutzak inbertitzen dituzte zor publiko haboro erosten, langileek berriro pagatu beharko dituztenak beren sakeletatik. Zor publiko bidegabearen gakoetako bat da, Toussainten aburuz, langileari ikusezin egiten zaiola lapurreta: "Soldataren gaineko zerga berri bat berehala ikusten da, nagusiak egindako gehiegikeria bat ere bai, baina zor publikoaren ordainketaz askoz nekezago ohartzen gara, ez baitugu pagatzen zerga berezi bat zor publikoaren pagakizunetarako. Eta hala ere, pagatzen ditugun zergen parte handi bat zor publikoa ordaintzeko dira". CADTM bezalako elkarteen lehentasunetako bat, hain zuzen, lapurretari mozorroa kentzean datza. Zorraren herri auditoria erabiltzen dute nagusiki, ahalik eta herritar gehienei azaltzeko zorpetze publikoaren jatorria eta auzitan jartzeko horren parte ilegal, ez-legitimo, gorrotagarri edo ez-iraunkorra. Baina herri mugimenduak lan konplexu hori burutu ostean, zorpetzetik askatzeko nahitaezko baldintza da agintariak prest egotea urrats ausartak emateko. Toussaintek bi esperientzia justu kontrako aipatu zituen hitzaldian. CADTMk 2007an lagundu zion Ekuadorreko Rafael Correari zorraren auditoria egiten, eta honek finantz erakundeei gogor eginez lortu zuen herrialde haren zor erraldoia negoziatuz txikiagotzea. Kontrakoa gertatu zaio Grezian. Gobernuari lagundu zion 2015ean Troika ri aurre egiteko argumentazioa antolatzen, baina Alexis Tsipras ez zen ausartu enbidoari eusten eta Greziari zorraren zama handitu baizik ez zaio egin geroztik.
news
argia-73891b5825a8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/antsiolitikoen-abusua.html
Lasaitzeko pilulak, kezkatzeko arrazoiak
Hegoi Belategi
2017-02-26 00:00:00
Lasaitzeko pilulak, kezkatzeko arrazoiak Aste batzuetarako aurreikusita dagoen tratamendua hogei urtez luzatzea, horixe da sendagai antsiolitikoak kontsumitzen dituzten milaka pertsonaren egoera. Bentzodiazepinen multzoko botikak gaixoei eragiten dien menpekotasuna kezka bihurtu da sendagile eta osasun arloko profesional ugarirentzat, botika psikotropikoaren albo-ondorioak betikotzen baititu. Luzaz hartzen badira, erroko gaitza ez sendatzeaz gain, asko baldintzatu dezakete gaixoaren eguneroko bizitza. Informazioa eta sendagileen balorazio egokia nahikoa dira maiz, menpekotasuna saihesteko. Gaur egungoa berehalakotasunaren gizartea da, gauzak bizkor egin behar dira eta etekinak are eta bizkorrago lortu behar dira. Gaixotasunekin eredu bera jarraitzen da, gaizki sentitzen garenean sendagilera joan eta hark emandako pilula miragarri batzuei esker ahalik eta azkarren osatzea espero dugu. Eredu horrek logika izan dezake gripea sendatzeko, baina nolaz senda dezake pilula batek buruko gaixotasun bat bestelako terapiarik egin gabe? Sinplea da, ezin du.  Bentzodiazepinak hipnotiko edota antsiolitiko gisa erabiltzen diren substantzia psikotropiko talde oso bat dira. Hau da, insomnioa eta antsietate arazoak tratatzeko balio duten farmakoak dira; hartzen dituenak lasaitasun sakona sentituko du, pilulek nerbio sistema inhibitzen baitute. Farmako hauek menpekotasun eragin handia dute, hori dela eta tratamenduaren iraupena zehatza da: insomniorako preskribatuak badira bi eta lau aste bitartekoa, antsietatea murrizteko zortzi eta hamabi aste bitarte. Epe horietatik aurrera ezinbestekoa da gaixoak dosia gutxitzea, menpekotasunik ez garatzeko eta "errebote efektua" saihesteko. 2014ko Nafarroako Informazio Farmakoteraupetiko Buletinean argitaratutakoaren arabera, lurralde horretako populazioaren %8k bentzodiazepinak kontsumitzen ditu, eta horietako askok gutxienez hamabost urtez hartu dituzte pilulak. Lorazepam eta diazepam, hau da, Orfidal eta Valium dira farmako erabilienak.   Menpekotasun bat bestearen ordez EHUko Medikuntza Fakultateko Farmakologia sailean irakasle den Koldo Calladok dioenez, funtsezkoa da sendagileek eta gaixoek argi izatea bentzodiazepinak ez direla betiko: "Hainbat aste igaro ostean, sintomek ez badute hobera egin, posible da gaitza beste bat izatea. Depresioak adibidez terapia behar du, eta ez pilulak soilik". Ezin da arazo bat beste batez ordezkatu, arazoa konpontzen saiatu behar da. Zenbait droga uztearen ondorioetako bat antsietatea izan daiteke, eta sendagileek sarritan bentzodiazepinak erabiltzen dituzte gaixoa lasaitzeko. Gaixo horrek menpekotasuna garatzen badu, droga bat beste batez ordezkatuko litzateke, besterik ez. Balorazioa gakoa dela uste du Calladok, "sendagileek, bentzodiazepinak agintzean, tratamenduaren jarraipena egiteko ardura hartu behar dute. Denok ditugu ezinegona eta urduritasuna eragiten dizkiguten arazoak, pilulek unean-unean gaixoa lasaitzeko balio dezakete, baina ez dute sendatuko". Nolabaiteko kezka piztu da sendagileen artean, baina oraindik ez da sistema alternatiborik proposatu eta erabakia osasun zentroen esku dago. Hala ere, egungo gizarte ereduak jendea botikak hartzera bultzatzen du Calladoren iritziz. Medikuak ez du erru guztia.  Ana Azparren Osasunbideko teknikariaren ustez, kasu askotan informazioa aski izan daiteke gaixoek botikak pixkanaka utzi ditzaten. Bentzodiazepinak depreskribatzeko estrategiak txostenaren egileetako bat da Azparren. Hor azaltzen dutenez, esku hartze minimo batzuek menpekotasuna murriztu dezakete. Gaixoari gutun bat bidaliz, edota bilera batean tratamendua murriztu behar duela jakinaraziz, botiken uzte tasak nabarmen handitzen dira. Loaren giltza OCU Kontsumitzaile Elkartearen arabera, antsiolitiko kontsumoak %57 egin zuen gora 2000 eta 2012. urteen artean Espainiako Estatuan. Ordutik kontsumoa berdintsu mantendu da. Osasunbideak argitaratutako txostenak bentzodiazepinak uzteko irizpideen berri ematen du, baina asmo nagusia bestelakoa da Azperrenek adierazi duenez, "sendagileei kritika egitea baino, gure gizarteak edozein arazoren aurrean botikak hartzeko duen ohitura zalantzan jarri nahi dugu". Botikak mesedegarriak izan daitezke, baina azken aukera izan beharko lukete. Insomnioa duen jendeak bentzodiazepinak garaiz uzten ez baditu, pilulen menpeko izango da beti lo hartu ahal izateko. Haatik, badira farmakorik gabeko alternatibak. Hainbat osasun zentrotan antolatzen diren "loaren tailerrak" eta psikoterapia oso lagungarriak izan daitezke antsietatea duen jendearentzat. Helburua ez luke izan beharko pilulen bidez lasaitzea edo lokartzea, naturaltasunez lortzea baizik.  Bentzodiazepinek arazoak eragiten dituzte, baina asko errezetatzen dira, eragin bereko beste farmakoak arriskutsuagoak baitira. Hausnarketa egin behar da farmakoaren alde on eta txarrez, argi izanda zeintzuk izan daitezkeen kalteak epe luzean.  Sistema kognitiboari eragindako kalteak dira ohikoenak: memoria galerak eta arreta mantentzeko zailtasunak bereziki, baina oinaze fisikoak ere bai, kontsumitzaileek ahulezia sentsazioa izaten dute eta. Albo ondorio zuzena ez bada ere, depresioak maiz ematen dira. Hori jakinik, esanguratsua da plan sistematikorik egin ez izana urte askoan menpeko izan den jendeak bentzodiazepinak utz ditzan.
news
argia-37e7c9392e03
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/mahamud-eta-bilboko-itsasadarra.html
Mahamud eta Bilboko itsasadarra
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-02-26 00:00:00
Mahamud eta Bilboko itsasadarra Bilbo, 1511ko ekainaren 22a. Joana Gaztelakoak –Joana Eroa ezizenez ezagunak– Kontsulatua abian jartzeko erregalia eman zion hiriari. Ordura arte, artilearen merkataritza kontrolatzen zuen Burgosko Kontsulatuak Bizkaiko golkoko portuen arteko lehia estua sustatu zuen. Baina handik aurrera, Bilboko itsasadarrean bertakoek hartuko zituzten erabakiak. Kontsulatu berria itsasadarrarekin, nasekin, dragatzeekin... zerikusia zuten gaiez arduratuko zen. Bertako merkatari, ontzi-jabe edota olagizonek zainduko, berrituko eta hobetuko zuten itsasadarra, eta portu naturalaren merkataritza jarduera bultzatuko zuten horrela. Horrenbestez, XVI. mendearen erdialdean Bilboko itsasadarra bideratzeko lanak egin zituzten lehenengoz. Eta lehen bideratze hartan Gonzalo Saez de Mahamud nabarmendu zen. Batetik, lanei egindako ekarpen ekonomikoagatik. Eta bestetik, izenaren jatorri musulmanagatik. Gogoan izan behar da, garaiko foru arauen arabera, moriskoek, juduek eta kristautasunera konbertituek debekatuta zeukatela Bizkaiko jaurerrian bizitzea. Are gehiago kargu publikoak izatea. Baina Gonzalo Saez de Mahamudek kargu publikoak izan zituen. Bilboko errejidore izan zen 1543tik 1551ra eta, besteak beste, Merkatarien Fidel izendatu zuten. Agiriek erakusten dute botere ekonomikoa ere bazuela; dohain eta zerbitzu askotan haren izena agertzen da diru kopuru handienen aldamenean. Bizkaiko familia nagusiekin, ezkontzen bidez, lotura zuela badakigu, hala nola Zurbaran eta Markinatarrekin.  1881ean, Camilo Villabaso Echevarria foruzale eta diputatuak Mahamuden sinadura jaso zuen Euskal-Erria aldizkarian, itzal handiko beste bizkaitar batzuenarekin batera. Eta azpian, pertsonaiaren azalpen labur baten ondoren, zera idatzi zuen: "Zer jatorri zuen familia hark? Abizenak adierazi bezala, haren leinua moriskoa izanik, nolatan etorri zen bizitzera konbertitu berriekin ere muturreko etsaitasuna nagusi zen herrialdera?". Egun, galdera horiek ez dute oraindik erantzunik.
news
argia-493e96364861
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/zer-ari-zaigu-gertatzen.html
Zer ari zaigu gertatzen?
Aritz Galarraga
2017-02-26 00:00:00
Zer ari zaigu gertatzen? Markos Zapiainen Zenbait terrorista (Txalaparta, 2003) lanean aipatzen zen behin baino gehiagotan: Oraingo gazte eroak (Enbolike, Irun, 1998). Ez Espainolak eta euskaldunak, ez Demokratak eta biolentoak , ez Joxe Azurmendiren bibliografian nabarmendu diren gainerako izenburuak. Oraingo gazte eroak, gauza interesgarriak esateko gainera: "Beharbada Kronos ez da Goyak pintatu duen agure zahar terriblea, umeak jaten, eta bai gazte harro bat agure zahar gaixoak jaten?", 1955-1965 bueltako gazteek gurean ekarri zuten haustura ilustratzeko. Behin galdetu ahal izan nion Zapiaini, Azurmendiren liburuaz baino, Joxan Elosegirekin batera sortu zuten Enbolike desagertu hartaz: "Euskarazko saiakera eta gogoeta sustatzea zuen helburu. Xoxari ordea ez genion merezi adinako garrantzirik eman eta hondoratu ginen". Emaitza bakar, beraz, Azurmendiren liburua, zeinak Gogoetak ETAren sorrera inguruko kultur giroaz eta gaurkoaz daukan azpititulutzat. Liburua berez hitzaurre bat zen –Nemesio Etxanizen gutunketaren bilduma ireki behar zuena–, "han eta hemen zerbait osatu eta luzatua". Igartzen zaio hitzaurre zela, ez da erabat garbitu: "Irakurleak laster irakurriko ditu" dio, baina gero ezin irakurri eskutitz trukea. Ez da hil ala bizikoa: testua dugu, bere horretan, irakurlearen jakin-mina asetzeko modukoa. 1955-1965 bueltako garai haren erradiografia zehatz-zehatza delako batez ere –"Batzuetan pentsatzen dut (...) gure arazoa belaunaldi bakarrean lau mende eta hiruzpalau iraultza batera bizi behar izatea dela"–; halaber gurea Europa mailan eztabaidagai zenarekin elkarrizketan jartzen duelako –"Moderniak gure artean erakusten zuen aurpegi –eta arima– erreakzionarioaren aurka izan da, zeren aurka altxatu den gazteria Euskal Herrian ere"–; eta hori erreferentziazko autoreak aipatuz egiten delako –"Merleau-Pontyk asko inpresionatu zuen Rikardo Arregi"–. ETAren sorrera inguruko kultur giroaz , orduan, bai, gaurkoaz aldiz ez da hainbeste luzatzen: "60. urteetara ari gara itzultzen berriro, nik uste. Dena da diferentea, eta dena antzekoa. Establishment kontzientzia on osoaren jabe ikaratu batek, berriz ere gazteria ero bat ezin du ulertu". Gure esku geratzen da, hartara, 1960ko hamarkadakoa zenbateraino den, ez bakarrik XX. mende bukaerakoa, berdin egungo egoeraren antzekoa. Azurmendiren "Zer ari zaigu gertatzen?" galderak, gaur, jarraitzen du izaten erabat pertinentea. Halere, filosofoaren nahikaritik ez ote gauden sobera urrun oraindik: "Guk ez dugu denok berdin pentsatu, berdin ibili nahi. Euskal Herriak artxipelago bat izaten jarrai dezala nahi genuke, mila unibertso txiki diferente, baina edonondik edonora joatea libre –libre itsasoa–, eta irlen artean dialogoa beti bizi-bizi".
news
argia-a9980194fac8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/azak-makilakadaka.html
Azak makilakadaka
Jakoba Errekondo
2017-02-26 00:00:00
Azak makilakadaka Nondik norako oporrak antolatzeko garaian, landareak aitzakia izan ohi dituenik bada: goi-mendietako baso, oihan tropikal, jardin botaniko, lorategiren bat, gereziondoen loraldia... Egia esan, nonahi dago landaretik eta joaten zaren tokira eramaten zaituztela, berdin dio, zer ikasia izango duzu. Hala ere, aurtengo oporraldiarekin zalantzetan eta nola moldatu ezinik bazabiltza, Atlantikoa proposatu nahi dizut: Anglo-normandiar uharteak. Jersey uharteko Jacquelyn eta Philip Johnsonek aza-hostokakoaren enborrekin egindako makilak. Gaur haiek dira egile bakarrak, baina duela mende bat 30.000 aza makila inguru esportatzen ziren urtean. Uharte horiek toki xelebrea dira. Ingalaterrako erreginaren menpeko dira, baina ez dira Erresuma Batuaren parte, ezta Europar Batasunarena ere. Historia berezia dute, eta Ingalaterra eta Normandia artean egoteak baldintzatu ditu bertakoen bilakaera eta kultura. Klima latza dute, eta horrek bizimodua behartu du: aza jale amorratuak dira. Antza dute Atlantikoko haizeteek gogor erasotzen duten beste mutur batekin, Galiziarekin, eta uztarrian lotzen dituen hedea aza da. Aza berezi bat: Brassica oleracea var. longata . Gallego-azak bezala, ez du bururik egiten, eta hostoz hosto jaten da. Hostaia aziendari eman izan zaio, behikundeari eta artaldeei batez ere. "Aza-hostokako" eta "aza-hostokatzeko" deitzen zaio euskaraz. Hostoak kendu ahala muturreko kimuak berriak ematen ditu, luza eta luza eginez. Pixkanaka enbor soildua gero eta luzeagoa azalduko du. Sei metro artekoak neurtu izan dira. Bai, bai sei metro! Azaren zuztar hori makilak egiteko erabili izan dute. Udazkenean moztu, behar bezala lehortu eta izugarrizko zur dotorea lortzen da. Ondoren eskura leuntzeko lisatu eta berniza edo argizaria ematen zaio. Duela mende bat, urtean 30.000 aza makila inguru esportatzen zuten. Gaur egun etxe bakar batean soilik egiten dituzte, Jacquelyn eta Philip Johnsonek. Oporraldian bisitatu nahi ez badituzu, 60 euro eskasengatik etxera ere bidaltzen dizute. Edo, hobea dena, saltzen dituzten haziak erosi (50 ale, 4 euro) eta zerorrek sortu makiletarako aza-zuztarrak. Beno, aza non haziko den, aza-zurtoina, aza-zuztarra, aza-kirtena, aza-zangarra, aza-zangoa, aza-girtaina, aza-ipurdia, aza-ondoa, aza-orpoa, aza-trontxela, aza-trukutza, aza-truxa edo izango da... Izan ere, euskaldunona kultura atlantiarra izan...
news
argia-b6ec145b01b2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/greba-bizkaiko-zahar-etxeetan.html
Esku nahikorik ez
Dabi Piedra
2017-02-26 00:00:00
Esku nahikorik ez Otsail osoan grebara deitu ditu ELAk Bizkaiko erresidentzia pribatuetako beharginak. Lantaldeak handitzeko eta baldintzak hobetzeko eskatzen dute, erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko. Diru publikoa ere tartean denez gero, esku hartzeko deia egin diote langileek Bizkaiko Foru Aldundiari. Prekarietateak eta enpresen diru-goseak "kinka larrian" utzi ditu zahar-etxeetako langileak Bizkaian, ELA sindikatuak salatu duenez. Adinekoei dagokien arreta emateko ez da nahikoa gaur egungo langile kopurua eta, eginbehar guztietara iritsi ezinik, ito beharrean ari dira beharginak egunero. "Ez dugu esku nahikorik horrenbeste lan egiteko", diote. Negoziazioetan oraingoz ezin izan dira ados jarri sektoreko patronalak (GESCA, ELBE eta LARES) eta sindikatuak. Horregatik, kalera irtetea erabaki dute: otsail guztian grebara deitu du ELAk eta protesta ekintza ugari antolatzen ari dira.  Gizartea egoeraz ohartaraztea da protesten helburuetako bat. "Bizkaiko Foru Aldundiak eta enpresek ezkutuan gorde nahi dute hau", salatu du Ander Akarregi ELAko kideak. Langileen eta sindikatuaren arteko lotura egiteaz arduratzen da bera. "Aldundiak zahar-etxeak pribatizatu gura ditu diru publikoz; eta patronalak lan baldintzak eta erabiltzaileen arreta prekarizatu nahi ditu, mozkinak ugaltzeko", azaldu digu Akarregik.  "Fisikoki eta psikologoki ahituta" daudela kexu dira langileak Grebara deitu duen sindikatu bakarra ELA da. Hala eta guzti, beste sindikatu batzuk ere langileen aldarrikapenen alde agertu dira. Esate baterako, LABek egoitzen kudeaketa eredua aldatzeko eskatu du behin eta berriro, kalitatezko zerbitzu publiko baten alde egiteko. Zerbitzu publiko bat eskainiz inor ezin dela aberastu dio. ELA, berriz, negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiekin batzartu da. Diagnostikoan denek bat egin arren, ELAk ez beste guztiek greba egiteko aukera baztertu dute.  Artatu beharreko pertsonako zenbat langile? Langileen eta beharrizanen arteko ratioa aldatzea da eskari nagusia, horrek lan kargak arindu eta duintasuna ekarriko bailieke behargin nahiz erabiltzaileei. 1998tik ez da ratioa gaurkotu. Urte hartan, dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, baina zaharkituta dagoela diote langile eta erabiltzaileek. Zahar-etxeak ez ezik, menpekotasunen inguruko sektore guztia arautzen du. Dekretua eragile guztiak kontuan hartuta gaurkotzeko eskatu dute sindikatuek. Premiazkoena zuzeneko arreta ez-espezializatua ematen dutenen ratioa igotzea dela dio ELAk. Dementziadunen kasuan, gutxienez langile bat nahi dute bost egoiliarreko. Euren kabuz moldatzen diren erabiltzaileen kasuan, bat zazpirentzat. Akarregiren esanetan, "ratioak kategoria guztietan eguneratu behar dira, baina lan-karga fisiko eta psikologiko gogorrenak dira premiazkoenak, egoiliarren menpekotasun handiak direla eta". Alegia, gerokultore eta laguntzaileen kategoria. Langileen %92 emakumeak dira Bizkaiko zahar-etxeetan,  ELAk emandako datuen arabera. Langile gehienak gizonak balira  gatazka aspaldi konponduta legokeela uste du sindikatuak. (Arg.: Luis Jauregialtzo / Argazki Press) "Gaur egungo dekretua indarrean sartu zenean, 1998an, ratioak orekatuta zeuden, baina egoera zeharo aldatu da harrezkero", ohartarazi du Erandioko egoitza batean lanean ari den Zoa Sáenz de Santamaríak. "Orain, erabiltzaile askok 2. eta 3. graduko menpekotasuna dute eta arreta handiagoa behar dute". Langile gutxiegi direnez, "iritsi ezinda" ibiltzen direla dio Sáenz de Santamaríak, "presaka artatu behar dugu pertsona bakoitza, zerbitzua txarra da... Azkenean erabiltzaileengan eragiten du". Egoitza publikoen pare Ratioen auzia konpontzearekin lotuta, erresidentzietako langileentzat lan baldintza duinak adostea ezinbestekotzat jo du ELAk, gaur egun "prekarietatean" daude eta. Soldatak igotzea eta 35 orduko lan astea ezartzea eskatu du, eta Espainiako Gobernuaren Lan Erreforma erresidentzietatik "kanpora bidaltzea". Aldi baterako lanaldiek sortzen duten ezegonkortasuna ezabatzea, gaixoaldiak behar den bezala arautzea eta kontziliazioaren aldeko neurriak hartzea ere aipatzen ditu ELAk. Egoitza publikoetan dabiltzanen eta azpikontratatuen lan baldintzen arteko aldeak ezabatzea da epe luzerako helburua. ELAren datuen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenean kudeatzen dituen egoitzetan ratioak handiagoak dira kategoria guztietan, lan ordu gutxiago dituzte eta soldatak %40 eta %60 artean altuagoak dira. Langile horiek ez daude Bizkaiko Egoitza Pribatuen Hitzarmenean eta, hortaz, ez daude grebara deituta. Prekarietatearen mamua urrutiago ikusten da egoitza publikoetan, baina sektorea guztiz pribatizatzeko interesak salatu dituzte sindikatuek.  80 egun baino gehiago greban Auzi korapilotsua da Bizkaiko zahar-etxeetakoa. Oraingo greba hau ez da, inondik ere, azkenaldian antolatu duten aurrenekoa. Duela ia urtebete, 2016ko martxoan egin zuten lehenengo lanuztea eta dagoeneko 80 egun baino gehiago pasa dituzte greban. Denborak aurrera egin ahala, protestak gogortzea da asmoa. Hartara, orain arteko luzeena da otsaileko greba, hilabete iraungo baitu. Era berean, manifestazio eta agerraldi andana egin dituzte, ekitaldi bereziak aprobetxatuta.  Aldundiak zuzenean kudeatzen dituen egoitzetan lan ordu gutxiago dute eta soldatak %40 eta %60 artean altuagoak dira "Gure borrokaren aldarria herririk herri eraman dugu, esan daiteke Bizkaian ez dela egon herri ekitaldirik gu izan ez garenik", azaldu digu Ander Akarregik. Besteak beste, San Tomas azokan, futbol partidetan, Durangoko Azokan eta Gernikako Urriko Azken Astelehenean izan dira.  Gainera, Bizkaiko erresidentzietako greba ez da kasu isolatua. "Azkenaldian asko borrokatzen ari gara Euskal Herrian, egoitzetako lan baldintzak hobetzeko", dio Akarregik. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan egoera hobean daude, baina ekinaren ekinaz lortutako hobekuntzak izan dira. Akarregik gogora ekarri du Gasteizko Ariznabarrako emakumeen greba, bi urte, bederatzi hil eta hamazazpi egunekoa: "Erresidentzietako borroken aitzindari izan zen". Deia instituzioei Bizkaian ere, gatazka luzearen tankera hartzen hasi da. "80 greba egun egin eta gero, oraindik ez dugu lan baldintza duinak jasotzen dituen proposamenik patronalaren partetik", salatu du Akarregik. Negoziazioak motel doaz eta ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio gehiago inplikatzeko, zahar-etxeetako gatazka erakunde publikoen ardura ere badelako. "Egoitza pribatuetako plazen %70 Aldundiak finantzatzen du, diru publiko hori ondo erabiltzen den begiratu behar du".  Langileek baldintza aproposetan lan egitea eta erabiltzaileek kalitatezko zerbitzua jasotzea, Aldundiak ondo zaindu beharreko kontuak dira, Akarregiren ustez.  Aldundiak, ordea, patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioa jo du irtenbidetzat. "ELAk arreta desbideratu nahi du, Foru Aldundia guztiaren errudun bihurtuaz, baina egin behar dena da negoziazio serio bati ekin", adierazi du Elena Unzueta bozeramaileak. Gaineratu duenez, akordiorako traba nagusia ratioak dira eta Foru Aldundiak horren inguruko proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Enpresa pribatuen nahietara makurtzea leporatu dio ELAk Aldundiari, baita langileei "presioa" egitea ere, halamoduzko akordio bat onar dezaten. Langileen eta beharrizanen arteko ratioa aldatzea da grebalarien eskari nagusia, horrek lan kargak arindu eta behargin zein erabiltzaileei duintasuna ekarriko bailieke Eusko Legebiltzarrera ere heldu dira grebalarien aldarrikapenak. EH Bilduren ekimenez, otsailaren 9ko osoko bilkuran proposamena adostu zuten legebiltzarkideek, aho batez. Jaurlaritzari dei egiten zaio zahar-etxeetako gatazkan esku hartu eta 1998ko dekretua egunera dezan.  Beharrizanetara egokitutako ratioak ez ezik, egoitzetako baliabide materialak arautuko lituzke dekretu berriak. Hala, langileen baldintzak hobetzeaz gain, erabiltzaileen eskariak beteko lirateke, egoitzetan eskaintzen den zerbitzuaren inguruko kexa asko eraman baitzituzten Legebiltzarreko saiora. EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirreren esanetan, "lehenengo urratsa da zentro horietako langileen lan baldintzak eta, era berean, pertsona nagusiei eskaintzen zaien arreta duintzeko". Langileak ahituta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak negoziazioaren bideari eusteko deia egin zuen, otsaileko grebaren bezperetan. Baikor zegoela azaldu eta akordioa hurbil egon daitekeela iradoki zuen Rementeriak. Langileak nabarmen ezkorrago daude eta, gainera, berriro giroa gaiztotzen hasi dela dirudi. "Aldundiak eta Jaurlaritzak ez dute gure egoera benetan ezagutzen", dio Zoa Sáenz de Santamaría langileak. "Helburu batzuk ezartzen dira, adibidez hamar edo hamabi pertsonari ohetik jaikitzen laguntzea, eta estu eta larri ibiltzen gara hori betetzeko, sarritan gure zaintzapean daudenekin hitz egiteko astirik ere ez dugu izaten". "Fisikoki eta psikologikoki" ahituta daudela kontatu digu Sáenz de Santamaríak. "Lanera sartzean pentsatzen dut, 'mesedez, gaur ez dadila ezustekorik gertatu, bestela ez naiz dena egitera helduko', etsipenak jota gaude". Egoitza guztietan hala dabiltzala diote beharginek.  (Argazkia: Dabi Piedra) Emakume borrokalariak Langileen %92 emakumezkoak dira Bizkaiko zahar-etxeetan, ELAren datuen arabera. Gizarte eragileek maiz salatu dute sektore feminizatuek dituzten baldintza prekarioak, gizonezkoak nagusi diren lan esparruekin alderatuta. "Emakumezko asko dauden sektoreetan nagusi dira aldi baterako kontratuak, edozein unetan lanerako prest egotea, soldata apalak eta ezkutuko ekonomia", azaldu du Ander Akarregik.  Andrazkoei burujabetasuna eta kontziliaziorako aukera izatea eragozten die egoera horrek. Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak argi eta garbi hitz egin du: langile gehienak gizonak izan balira gatazka hau aspaldi konponduta legoke.  "Berdintasunarena diskurtso hutsala da", gaineratu du Ander Akarregik. Gaur egungo krisi garaian, emakumeak lan merkatutik egozteko estrategia bat ikusten du, etxeetara itzul daitezen, menpeko subjektu gisa. "Zorionez, emakume langileen kolektiboa, biktima pasibo izan beharrean, antolatuta dago", dio Akarregik. Protestan jarraitzeko prest Otsaila aurrera doa eta, egoerak hobera egin ezean, protesta gehiago etorriko direla agindu du ELAk. "Beste talde batzuen atxikimendua bilatuko dugu: pentsiodunena, feministena...", azaldu du Ander Akarregik. "Lan duina eta gizarte zerbitzu hobeak nahi ditugu eta helburu horiekin bat datozen guztiekin arituko gara elkarlanean". Erakunde publikoek eta patronalak entzungor eginez gero, "gogorrago" jokatuko dutela dio, "eredu zaharkitu eta prekario" honek egoera larrian uzten dituelako langileak eta erabiltzaileak. "Ez dago aitzakiarik mobilizazioetan ez parte hartzeko, gatazka honek baldintza guztiak betetzen ditu: generoa, denon diruarekin azpikontratatutako zerbitzu publikoa izatea, eta prekarietatea".
news
argia-004033d1f47f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/hau-al-da-gure-ongizate-eredua.html
Hau al da gure ongizate eredua?
Juan Mari Arregi
2017-02-26 00:00:00
Hau al da gure ongizate eredua? Euskal Herrian pobrezia badago, eta haurren pobrezia ere bai, euskal oasian gaudela eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta antzekoekin babes sozialerako sistema publiko ona dugula pentsatu arren. Hala da, neska-mutikoen %9 pobrezian dago, EAEn 24.000 haur lirateke eta Nafarroan 7.000. Datu horiek Save The Children erakundeak eman ditu, haurren arteko desoreken, berdintasunerako aukeren eta politika publikoen inguruko txosten batean. Txostenak ez du ezer esaten Ipar Euskal Herriari buruz, nahiz eta badakigun berdina dela egoera. Pobrezia maila handiena jasaten duten eta laguntza gehien behar duten haurrak lana lortzeko aukera gutxien duten familietakoak dira, normalean guraso bakarrekoak eta atzerritarrak. Txostenaren arduradunek diotenez "ez babes sozialerako politika publikoak, ezta sistema fiskala ere, ez daude diseinatuta desoreka murriztu eta pobreziarekin amaitzeko". Datu horiek ezagutarazten ziren une berean, jakin genuen ez dagoela benetako interesik gobernu eta foru diputazioen aldetik –patronalarekiko fidel, beti bezala– pausoak emateko erreforma fiskal justu baterantz: ez dute elkarteen gaineko zerga zamatzeko asmorik. Diru-kutxa publikoei ekarpen handiena lan errentek egiten diete, eta kapital errentek haien hamarrena baino ez dute jartzen. Hala, urtean 900 milioi euro gutxiago biltzen dira Europako batez bestekoarekin konparatuta. Horrela ezinezkoa da pobrezia desagerraraztea eta desberdintasuna gutxitzea. Hori al da Euskal Herrian nahi dugun ongizate eredua? Zeinen interesak ari dira defendatzen gure politikari eta gobernuak? Haien ekintzak ikusita behintzat, patronalarenak eta errenta altua dutenenak.
news
argia-d383b1b58ac7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/euskararen-posizioa.html
Euskararen posizioa
Mikel Irizar
2017-02-26 00:00:00
Euskararen posizioa Euskal soziolinguistikaren antologiarako geratu da Kike Amonarrizen kale inkesta euskararen tamainaz: gehienek oso txiki ikusten zutena, munduko hizkuntzen goiko tropelean dabil, zailtasun artean duin. Beste horrenbeste esan liteke 2016ko Donostiako hizkuntza aniztasunaren foroak azaleratu duenaz: hizkuntza gutxituen artean euskara da hedatzen –hau da, hiztunak eta espazioak irabazten– ari den bakarretakoa. Beldur handiegia izan diogu euskararen egoeraren alde baikorrak azpimarratzeari, horrekin hizkuntzaren aldeko afana galtzeko –edo, zenbaitentzat okerrago, inori dominaren bat oparitzeko– arriskua balego bezala. Baina egia da; munduko hizkuntza gutxituen artean euskara erreferentzia bat da, batez ere EAEn izan duen biziberritzea dela eta. Posizio honek bi emozio eragin beharko lizkiguke: alde batetik, harrotasuna, lortutakoa ez bata inoren opari izan, gizarte ekimenaren eta erakundeen ahalmenaren ondorio baizik, lan on askoren fruitu ederra; bigarren emozioa, ardura behar genuke, euskararen herri osoari begira, baita mundu zabalari ere. Kooperazio linguistikoa izenez identifikatzen hasi gara beste hainbat hizkuntza gutxituekin izan dezakegun harremana: gure eskarmentua haiei eskaini eta trukean haien hizkuntzarekiko pasioaz gu apur bat kutsatu. Bada beste liga bat ere, asko interesatzen zaiguna: munduko hizkuntza txikiena. Hizkuntza gutxituez gain badira beste batzuk, estatus politiko sendoagoa dutena, baina hiztun kopuru mugatua. Europan bertan hainbat dira: nederlandera edo daniera bezala, baltikoak, balkanikoak edo nordikoak. Hizkuntza hauek hiztun komunitate txikia dute, eta igurtzian daude hizkuntza hegemonikoekin, nagusiki ingelesa eta alemana. Hizkuntza txikiekin eskumenetan dugu aldea, haiek estatua baitute. Hala ere, haien hainbat estrategia eta eskarmentu balekoak izan dakizkiguke, gurera egokituta. Esaterako, nola jokatzen du ikus-entzunezkoen sektoreak Danimarkan, gazte guztiek ingelesa primeran jakin arren kontsumoa nagusiki danieraz egin dezaten? Zerbait kopiatu dezakegu? Asko komeni zaigu begirada gure zilborretik altxatzea eta inguru zabalari ere begiratzea, euskararen gaineko analisien kontrastea egiteko eta besteen eskarmentuak ere baliatzeko. Euskararen posizioa ez da txarrena aukerak aprobetxatzeko; bestalde, guk irabazitako hiztun edo esparru bakoitza garaipen bat da munduko hizkuntza aniztasunaren ikuspegitik. Animo!
news
argia-f26f26247189
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/normand-baillargeon-filosofo-kritikoa.html
"Herritarrei argi gehiegi ematea ez doa pribilegiatuen alde"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-02-26 00:00:00
"Herritarrei argi gehiegi ematea ez doa pribilegiatuen alde" Izpiritu kritikodun herritarrak lortzeko bidean, hezkuntza eta komunikabide libreak ezinbestekotzat ditu Normand Baillargeon filosofo quebectarrak. Bidea nekeza delakoan, herritarrei giltza batzuk eskaintzen ari da. 2005ean atera zuen Petit cours d'autodéfense intellectuelle (Autodefentsa intelektualerako ikastaro txikia) liburua, Quebecetik at ere arrakasta ezagutu duena. Izpiritu kritikoa garatzea duzu xede. Aspaldiko helburua da. AEB eta Europari doakienez, Argien Garaian kausitzen dugu ideia honen oinarria. Zer nolakoa izango da demokrazia? Zeinek hartuko ditu erabakiak? Estimu handikoa dudan Nicolas de Condorcetek eta gisa bereko beste batzuek erantzun argia eman zieten galdera horiei: herritar argituak ukan nahi baditugu, izpiritu kritikoa behar dute, eta horretarako ezinbestekoa dugu irakaskuntza publikoaren garapena. Laster garatu zen aurkako erreakzio bat, herritarrei argi gehiegi ematea ez zihoalako pribilegiatuen alde.  Beti horretan gara. Horregatik da helburua beti hor. Propaganda bat ezagutzen jakin behar dugu, komunikabideek edota hezkuntza mota batek engainatzen utzi gabe. Aipatzen ari naizena ez da abstraktua. Begira beroketa klimatikoaren erronka potoloari. Gezurrean oinarritu mezu bat lantzen ibili dira petrolio konpainiak. Donald Trumpen atzerri-politiken arduraduna klima aldaketa ukatzen ari da. Izpiritu kritikoa ahulduz doalako markak direa Trumpen irabaztea, Le Penen mehatxua, Brexitaren garaipena? Izugarri konplexua eta zaila den fenomeno baten aurrean gara. Iritzi publikoaren prestakuntza batek ahalbidetu du Trumpen garaipena. Desberdintasunak ziztu bizian emendatu izanak, elkarrizketa demokratikotik asko baztertu izanak, langabezia emendatu izanak... Horrek guztiak eta Alderdi Errepublikarraren azken 30 urteetako lanak logikoki ekarri dute Trump boterera. Herritarrek diotenari begiratu behar zaio.  Zer diote? Berdintasuna eta hobekuntza hitz emana izan zitzaien klase ertain eta ertain-apaleko horiek engainatuak izanaren sentimendua dute. Haserre dira eta edonor entzuteko prest dira. Ezinegon sentsazio hori sentitzen da herrialde anitzetan. Herritar horiek entzuteko ardura du ezkerrak.  Ezkerra salaketan azkar baina proposamenetan ahul dela deitoratu ohi duzu. Proposamen eraikitzaileak urri ditugu ezkerrean. Ezkerra, honen ala haren kontra dela jakin ohi dugu. Erraza da erratea. Kontua da lana galdu duenak ala pobrezian denak aski argiki dakiela hori! Proposamen baikorrak eta alternatibak proposatzeko gai izan behar gara.  Autokritikan dea ezkerra? Damugarri zait erratea baina ez dut aski nabaritzen autokritikarik. Ezkerraren baitan dagoen atzera-egite morala ere deitoragarria zait. Mendebaldeko unibertsitate anglofonoen baitan, mintzatzea debekatzen ari da ezker moralizatzaile bat, erraten dena ez duelako gustuko. Anarko-sindikalista naiz eta hitz egiten edota proposamenak egiten aritu gara betidanik. Lan-museoak edota lan-poltsak horretarako guneak ziren. Pena da ez dela gehiago autogestioaz hitz egiten. Ezinbestekotzat dituzu komunikabideak. Komunikabideen kontzentrazioa, publizitate bitartezko finantzamendua… "Komunikabideen modelo propagandista" batean garela diote Noam Chomsky eta Edward Hermanek. Menderatzaileen interesak islatzen dituen munduaren ikusmoldea proposatzen ari dira. Egoera larrian gara eta sekulan baino gehiago behar ditugu komunikabide aske eta independenteak. Maleruski, ahurtara bat besterik ez da gelditzen.  Komunikabide publikoei doakienez, zer diozu? Anarkista izanik ere, aitortu behar dut beharrezkoak ditugula. Igande goiz guztiz aritu nintzen bost urtez Radio Canada irrati publikoan filosofiaz hitz egiten. Ez zuten anitz komunikabidek arrisku hori hartuko! Komunikabide pribatuek ez bezala, nahi duten eskaintza egiteko aukera eta luxua dute publikoek. Hezkuntza publikoaren bestelakotzeaz bi hitz? Negozioen munduaren partetik presio handia sentitzen da, bere zerbitzuko nahi du hezkuntza. Oso argi da hori AEBetan, interes ekonomikoak unibertsitateetan sartuak dira. Ikerketak finantzatzeko joera azkarra ere badute. Diruztatu duenaren esku geratzen dira emaitzak eta gaiaren hautaketa. Egoera nahasgarrian gara.  Autodefentsa intelektualaz idatzi zenuen liburu bat 2005ean.  Hizkuntzaz, sofismoaz, zenbakiei buruzko jakitateak bildu nituen liburu horretan. Beti izpiritu kritikoa segurtatzeko tresnak emateko ideiarekin. Arrakasta handiko liburua. Jendeak badaki jasotzen dituen informazio anitz galdekagarriak direla eta entzuten ez diren kontra-argumentuak ere badirela. Hori horrela, haien egoera hobetzeko eta mundua ulertzeko tresnen bila dabiltza. Horrela azaltzen dut arrakasta hori. Beste hein batean, Chomskyren ideien arrakasta ere honela esplika daiteke: tresnak ematen dizkigu, ezagutzen ez genituen perspektiben berri ematen digu. Zinez nahikeria behar da gaur egungo egoera kaskarraz ez ohartzeko! Galdekatzea bultzatzeko eta erantzuteko tresnak eta aztarnak behar ditugu.
news
argia-231fc6c05af1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2543/zenbatek-ulertzen-du-euskara.html
'Egia eredua'k dakarren iraultzak badu mapa berria
Pello Zubiria Kamino
2017-02-26 00:00:00
'Egia eredua'k dakarren iraultzak badu mapa berria Donostiako Egiatik Agurainera, Amikuzen barna, paradigma berria ari da zabaltzen: ni euskaraz bizi naiz, zuk nahi duzun moduan erantzun eta kito. Elkarrizketa elebidunak mantentzetik hasi da iraultza berria. Baina horretarako euskaldunoi hizkuntzari eustea eragozten diguten aurreiritziak gainditu behar ditugu. Mapa egokiari begiratu, alegia. Niretzat –kronika hau lehen pertsonan joango da, aitormena ere bai baita– deskubrimendu bat izan zen datua: bizi naizen Hernanin herritarren %80k ulertzen duela euskara. Bestela esanik, gaztelania guk nahi baino askoz gehiago entzuten den Hernani industrial hiritartuan %20 baino ez direla euskara ulertzen ez dutenak.   Gure herriko "Eutsi Euskarari indar proba", laugarren edizioa duen 2016ko Euskara Ari Du kanpaina, Egiak antolatutako "Euskaraz Bizi Nahi Dut" operazioaren uberan etorri da, Lasarte-Oriakoa, Astigarragakoa, Aguraingoa edo Arrigorriagakoa bezala, ARGIAko orrietan Onintza Iruretak azaldua duenez. Hernaniarrei banatutako esku orrietan proposatzen zitzaien: "Ahal duzun guztietan hitz egin euskaraz. Bizi zaitezke euskaraz? Ez pasa gaztelaniara. Ulertzen baduzu, ez eskatu [nik] gaztelaniaz egiteko. [Zuk] ireki belarriak eta saiatu ulertzen". Kanpainaren hasieran jende pila bat entrenatu gara sekula praktikatu gabeko kirol berrirako eta hainbat esperientzia eta bizipen ezberdin bezain kitzikagarriak bizi izan ditugu. Nik neuk esango nuke euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenekin elkarrizketa elebidunak mantentzea ari dela gertatzen iraultza. Ziurrenik paparrean "Euskara Ari Du" txapatxoa eramaten segitzea erabaki duten askok berdin sentitu duela esango nuke: "Zuk lasai segi zurean, ez dizut eskatzen aldatzea, nik neuk aldatzea erabaki dut".    Prentsa-saltzailearekin, 60 urterekin gaztelaniaz trakets aritu arren euskaraz hitz egiten ez duen kaleko euskaldun atzenduarekin, kafea hartzen duzun ostatua gaztelaniaz betetzen duten arren ia denek primeran ulertzen duten funtzionario, komertziante eta jubilatuekin… norekin ezingo duzu euskaraz hitz egin baldin eta zure herrian %20 besterik ez bada ulertzen ez duena? Aguraingo "Nik 75" kanpainak astindu gaitu orduan, "baina hauek zeuzkatek barrenak… Agurainen 75 ordu euskaraz bizi?" Eta bai, zeren eta Agurainen euskara ulertzen omen du… %55ek! Hernanin ez banuen espero %20 bezain gutxi izatea euskara ulertzen ez dutenak, Agurainen ez zitzaidan burutik pasako %55ek ulertzea, Jainkoak daki zein sorpresa aurkituko nukeen Barakaldon… Zalantzarik gabe, Aginagan kale-baserritarra jaio nintzen honi maizter-konplexuak baldintzatu dit orain arte jokabidea, baina Euskal Herritik okerreko mapekin bidaiatzeak ere bai.    Aztiker kooperatibako soziologo bati eskatu diot laguntza, nire herritik bidaiatzeko mapa berriak behar ditudalako, eta hasteko hau: ehunekotan, gure herrietan zenbat jende dira euskara ulertzeko gauza? Horrela prestatuak dira kronika honekin doazen kartak. Euskarari kolorea aldatu zaio 1. mapa –kronika honen hasieran doana– bilakatu da niretzat tresna nagusia. Biltzen ditu ezagutzaz Soziolinguistika Klusterraren EDB Euskararen Data Baseak dauzkan daturik berrienak: euskaraz hitz egiteko gai ziren herritarrak gehi ulertzen zutenak 2011n EAEn, 2001ean Nafarroan (herri handienetan 2011n eguneratuak) eta 2011n Iparraldean lurraldeka, hemen ez baita ez udaletako eta ez eskualdekako informaziorik. Ezagutza maila bakoitzari eman diogu 1979an Euskaltzaindiak plazaratutako Hizkuntza Borroka Euskal Herrian liburuaren azken orrietako mapen kolore bera, gero begirada errazeko alderaketak egin ahal izateko: gorriz %80-100, hori-laranjaz %60-80, urdinez %40-%60, berde ilunez %20-%40 eta berde argiz %0-20.      Niri begiek esaten didate, laburrean, Gipuzkoan ia denetan ulertzen dutela %80 baino gehiagok, ez da ez herri eta ez hiri bakar bat (Eibar, Irun, Donostia, Errenteria…) %60 baino gutxiagok ulertzen duenik. Bizkaia gehiena ere gorri edo hori, eta nire harridurarako, Bilbo eta Ezkerralde osoa ere urdin, %40tik gorak ulertzen dute. Txundituta Arabak utzi nau: ia osorik urdin (%40-60), Errioxako herri batzuk barne! Nafarroa Garaiak azken urteotan Arabarekiko hartu duen atzerapena bistakoa gertatu arren, harrigarri gertatu zait zenbat herritan (Iruñea eta ingurukoak, Lizarra eta Tafallaz gain) gainditzen den %20ko marra. Iparraldean, Zuberoa eta Nafarroa Behereak osotasunean harturik %60ko marra gainditzen dute oraindik, eta ez dakigun arren nola dabiltzan barneko hiri erdaldunenak (Maule, Donapaleu…) ez dirudi esajeratua horietan ere %40 gaindituko dutela pentsatzea. Lapurdikoa… beste upeleko ardoa da: Itsasu edo Sara bezalako herriak eta Angelu-Miarritze-Baiona ezin dira parekatu, baina media %20-40 artean ibiltzeak euskaraz bizi nahi duenari ematen dizkio pistak.    Seguru mapa honi aitzakiarik jarriko zaiola. Esaterako, zenbat ulertzen du "ulertzeko gai" dela aitortzen duen herritarrak? Baina, oro har, "Egia ereduko herritarren Euskal Herria" karta harturik (Interneten ipini dugun bertsioan xehetasun handiagoz ikus daitezke herriak) sentitu dut anitzez lasaitasun handiagoa euskaraz hitz egiteko edonori edonon, jakinda zenbat probabilitate dauzkadan " no te endiendo nada " entzuteko leku bakoitzean. Soziolinguistikaz dakitenek aspalditik dakizkiten datuak izan arren, ni oraindik nire buruari galdezka nabil nola ez naizen egoera honetaz jabetu lehenago. Esango nuke errealitatearen irudi okerra eduki dudala nire bizitzan zehar. "Egia ereduko herritarren Euskal Herriak" harritu nauela oso urrun dagoelako nire buruan neukan mapatik. Hau posible baldin bada, posible baldin bazen atzo bertan ere... zein maparekin ibili naiz, ordea, orain arte? Euskal Herriaren zein okerreko mapak baldintzatu du euskaltzale kontsekuente moduan bizitzen ahalegindu naizen honek erdara hainbeste erabiltzea?   Soziologoarekin solasean, beste mapak probatuz, iruditu zait nire buruan euskara ulertzen duen Euskal Herriaren kartak irudikatzen zuela gutxi gorabehera duela 15 urte 1996an euskara hitz egiteko gai zirenena. Ikusi 2. mapa... "Horrela bai", horrela bizi izan naiz ni azken urteotan, oharkabean beti kalkulatuz gutxi gorabehera leku bakoitzean (Lekeition, Barakaldon, Orexan, Agoitzen…) zenbat egon zitezkeen nire komunitatekoak, txikitatik euskara hitz egin dutenak gehi eskoletan ikasita hitz egiten dutenak gehi gau eskoletatik ateratako euskaldunberri militanteak… Horrela nola ausartu, ez dut esango Bilbon, edo Irunen… nola ausartu Donostian edo Agurainen? Gu zahartu eta euskara gaztetu Baina aurkeztu didate Egiatar bizitzen ahalegintzeko beste mapa argigarriago eta are itxaropentsugo bat, hemen doan 3. grafikoa: 35 urtetik beherako gazteen artean euskara ulertzen dutenen karta.    Begiratu EAEk zer kolore hartzen dituen. Baskongadak ia erabat gorri! 2. grafikoa ikusirik, nola galdetu edo erantzungo diot gaztelaniaz Bizkaia, Araba edo Gipuzkoako gazte bati? Zuberoa eta Nafarroa Beherea, gainbehera doazen arren, oraindik urdin, Lapurdi bera eta Nafarroako herri asko berde ilun (%20-40)…       Euskara 2017an zenbatek ulertzen duten laster jakingo da, estatistika berriak martxoan plazaratzean ikusiko da urteotako aurrerapena. Oraingoz 2001 eta 2011ko datuekin Euskal Herriak daukan benetako itxura hori ikusita… zer gertatuko da Egiako aitzindarien gibeletik zientoka batzuk eta gero milaka euskaldun ari baldin bagara euskarari eusten gure egunerokoan? Gaztelaniadun monolingueei kontrako pisua egin ziezaieketen euskaldun elebakarrak aspaldi galdurik, gaztelaniaz baino askoz errazago euskaraz mintzo ziren gure gurasoak hiltzen, hedabide espainol eta espainolduen uholdean gero eta ugariagoak dira gaztelaniaz aiseago ari direnak eta haien umeetako asko D eredu onenetan heziak izanagatik berehala pasatzen dira gaztelaniara eguneroko bizitzan.   Urrunegi joatea ote da esatea Egiatarrok eragina eduki dezakegula alde guztietatik erasotzen duten euskararen oreka pittin bat berreskuratzen, hiztunetan asko ahuldu den nukleo gogorra sendotuz? Edota hori dela bide ia bakarra gaztelaniaz bizitzera kondenatu nahi gaituzten kolore politiko guztietako gure lagun ustez euskaltzaleen jarduera aldarazteko? Egia aitortzeko, euskararen etorkizunagatik baino gehiago nire interesez ari naiz Egiatar bizi nahian. Ohartu naiz nire jokabidea ez aldatzekotan hilko naizela zaintzaile erdaldunarekiko errespetuz azken urteak gaztelaniaz ematen dituzten gure zaharren moduan. Eta euskaldun oso bizi nahi nituzke nire azken urteak. Amikuzen eta Agurainen erakutsi didate lor dezakedala.
news
argia-ecc3661630b3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/donostiako-hotel-bat-gelditu-nahi-dute-okupazioaren-bidez.html
Donostiako hotel bat gelditu nahi dute okupazioaren bidez
Lander Arbelaitz Mitxelena
2017-10-01 00:00:00
Donostiako hotel bat gelditu nahi dute okupazioaren bidez Ez dugu berria turismoaren inguruko eztabaida. Bai ordea, Donostiako Alde Zaharrean herritar batzuek hotel baten aurka abiatu duten borroka: eraikineko etxebizitza bat okupatu eta bertan erresistentzia planteatu dute. "Alde Zaharra gune saturatua da, baita Udalaren arabera ere, eta ezkutuan oraindik hotel gehiago egin nahi dituzte?", diote haserre. Prentsaurrean bizilagunei borrokarekin bat egiteko eskatu diete, nabarmenduz, Udalak oraindik ez duela azken baimena sinatu. Lau izarreko beste hotel bat egin nahi dute Donostian, Alde Zaharraren bihotzean oraingoan: Santa Maria elizari begira, Abuztuaren 31 eta Kale Nagusiak bat egiten duten erpinean, sei solairuko eraikinean. Bi tabernaren artean geratzen den ate txikitik sartzen da. Ez da zaila imajinatzea behinola, bertako familiak gora eta behera egurrezko eskailera zahar baina dotoreetan. Egun, ez da ia inor bizi, eta lehen solairuetan eraikina kudeatzen duen enpresak dituen beste negozio batzuetako langileek egiten dute lo. Hotel proiektuaren aurka borrokatzeko bosgarren solairuan okupatu duten etxebizitzan izan da ARGIA, baita bertako kideekin solastu ere, beren anonimotasuna gordetzeko baldintzarekin. Argi eta Josebak hartu gaituzte –izen faltsuak dira– eta ongi prestatuta dakarte esan nahi dutena. "Gure okupazioarekin eta espero daitekeen erresistentziarekin, azaleratu nahi dugu zer nolako bortxa dagoen askotan turismoaren atzean", diote hasieratik. Asanbladan onartutako oinarrien gainean, maila pertsonalean aritu direla azaldu digute. Ekainaren bigarren astean okupatu zuten. Batzuk lehendik okupazioan ibilitakoak dira. 110 metro koadroko etxea oso utzita zegoela oroitu dute, eta leiho onak izan arren, hauts asko zegoela. Hutsik gutxienez hiru urte zeramatzala kalkulatzen dute, baina adierazgarria da gela batean 1998ko egutegia topatu zutela paretan. Lau lagun daude bertan bizitzen, babes sare handiagoarekin. Pareta zuriak apaintzeko, marko beltzetan jarritako argazkiak aurki daitezke etxean barrena zuri-beltzean. Gehienak manifestazio eta mobilizazioen argazki ikonikoak, baita kartelen bat edo beste ere. Bosgarren pisua izaki, leihoetatik begiratu eta Santa Maria elizaren fatxadan geziek jotako Sebastian hilzoriaren figura ikus daiteke aurrez aurre. "Bazenekiten San Sebastian ikono gaya dela?", diosku irribarrez Josebak. Argazkia: Dani Blanco. "Nik uste estigma bat apurtu dugula erdigunean txukun dagoen etxebizitza bat okupatuz, bestela, ematen baitu okupatzekotan kanpoan, urruti eta oso egoera txarrean dagoen zerbait izan behar duela; egonkortasuna eta erosotasuna ez direla guretzat", hasi da Joseba. Sei solairuko hotela egin asmoz, urteetan pertsona gutxi batzuk bloke osoaren jabe egiten joan direla nabarmendu dute. "Legeak betez edo legez kanpo, familiak bota dituzte pixkana beren etxeetatik, eta beraz, higiezinen mobbing-a errealitatea izan da hemen". Azpiko tabernen praktikek ere eragina izan dutela diote, auzo elkarteak berak ere salatu izan duenez. 2013an sute bat ere izan zen azpiko tabernetako batean, eta Udalak aurkitu zuen bi tabernak elkarrekin komunikatuta zeudela baimenik gabe. "Herri mugimenduetako kideak". Hala definitzen dute beren burua. "Auzo honekin eta Donostiarekin konpromiso bat dugun jendea gara, aurretik ere bagenuen eta orain are eta gehiago. Proiektu hau horixe bera da, auzotik bizilagunak botatzen eta turistei bideratutako hotelak egiten ari direla salatzeko aukera". Lanak ez dira hasi. Udalak ez duela oraindik azken baimena sinatu diote eta hor presio egin nahi dute. Jabetzak esku gutxitan metatzen Eraikina egun Blanca Zaragueta zinema zuzendariarena eta Consuelo Zaragueta enpresariarena da, Vicente Zaragueta zenaren alabak biak. Azken hori beste gauza batzuen artean, El Diario Vascoko presidente-orde, Aquariumeko presidentea eta Espainiako errege ohiaren lagun izan zen, Gipuzkoako fortuna handietako bat. Jabeak ez dira bertan bizi. Argazkia: Dani Blanco. Jabetzan Zaragueta ahizpena izan arren, Asier Arriola Arriola izeneko enpresari batek kudeatzen du eraikina, Nahikida SL izeneko enpresa baten bidez. Arriolak hainbat negozio ditu Donostian, denak ostalaritza eta turismoaren esparrukoak. "Eraikinaren behealdean bi taberna ditu: Atari eta Sirimiri; Parranda izeneko hirugarren bat, Narrika kalean; Alde Zaharrean bi pentsio kudeatzen ditu, Basque Tours bidai agentzia berea da, Gu diskoteka kudeatzen du, Janondo jatetxea eta Urban Youth Hostel enpresa berea da. Hori, guk dakigula. Aberastasun banaketa murrizten doa, jabeak gutxitzen ari direlako eta geroz eta botere gehiago dutelako", salatzen dute. "Turismoarekin denok irabazten dugu esaten digute, baina denok ez dugu irabazten. Batzuek asko irabazten dute besteok bizirauten dugun bitartean, klase borroka berriz ere. Eta orain hotel berri bat egin nahi du, eta eraikin honetan ezingo da sekula gehiago Alde Zaharreko auzokiderik bizi, eta prezioak igotzen jarrai dezaten bultzako du", dio serio Argik. Donostiako Parte Zaharra, saturatuta Donostiaren turistifikazioak eta honen aurkako protestek nazioartean ere arreta deitu badute, garrantzitsua da kokatzea, balizko hotel hau auzorik saturatuenean egin nahi dutela. Irakurlea kokatzeko Parte Zaharrean Bizi elkarteko kide Xabier Arberasek orain bi aste idatzi zuen Donostiako Parte Zaharraren kasua edo beste aldera begiratzeko antzea artikuluan, instituzioen jarrera gogor kritikatu ostean, bizi duten egoeraren datu batzuk eman zituen. "6.000 lagun bizi gara Parte Zaharrean. 700dik gora merkataritza-lokal daude zabalik, eta 210 ostalaritza-establezimendu (29 biztanleko bat); hiriko gainerako auzoen aldean, hiru bider merkataritza gehiago eta sei bider ostalaritza-establezimendu gehiago. Lokal guztien %50 daude turismora zuzenduak. Hamaika kaletan daude bilduak ostalaritza-establezimenduen %65; 17 gastronomia-elkarte, eta 280 apartamentu turistiko dago (horietatik, %84 legez kanpokoak dira); hiru hotel (bat eraikitzen ari dira) eta 62 pentsio. Eta 1.600dik gora ohe turistentzat". Argazkia: Dani Blanco. Gaiak orain gutxi hartu arren dimentsio mediatikoa, auzo honetako bizilagunek urteak daramatzate kezka mahai gainean jarriz. Geroz eta turistifikatuagoa den gunean ez daukatela kultur etxerik edo kiroldegirik salatzen dute, Orixe ikastolaren leku falta barne, zerbitzu publiko batzuk aipatzearren. Ez dago etxebizitza publikoko politika aktiborik eta askoren ustez auzoaren identitatearen, historiaren, kulturaren eta, batez ere, euskararen egoera "dramatikoa" da, artikulugileak azaltzen duenez. "Bi urteotan Udalak beste aldera begiratu du, 240 legez kanpoko kasu salatu badira ere. Horietatik, erantzunik gabe jarraitzen du % 90ak baino gehiagok", dio. Auzokide asko haserre dago gaia mahai gainean jartzean agintari eta hauen gertuko hedabideek emandako trataerarekin. Arberasek honela amaitu zuen idatzi zorrotza: "Bi urte igarota, Parte Zaharrean okerrago bizitzen dela egiazta genezake. Udala espezialista egin da beste aldera begiratzen, eta trebetasun osoa eskuratu du antze, argi dago, guztiz arduragabe horretan". "Nora garamatzate?" Argi eta Joseba ere oso kritikoak dira egoerarekin. "Ez dakit kontziente garen herritarrok hiria hartzen ari den norabideaz, azken hamar urteetan jasan duen eta oraindik jasaten ari den eraldaketaz. Dena aldatzen ari da". Udan lehertu den eztabaidan "oso mediatizatua eta sakontasun handirik gabekoa" izan dela uste dute hauek ere. Donostiako Udalak proposamen berriak egin dituen arren, bere ereduan sakontzen jarraitu duela ikusten dute. Horri aurre egiten eta turismo ereduari buruzko posizioak "biluzten" saiatu nahi dute. "Periferiako auzo batetik erdiguneko beste batera, lau urteko bizi esperantza ezberdintasuna dago, eta beste gauza askoren artean, uste dugu turismoak klase gatazka areagotzen duela", dio Josebak. Turismoa kapitalismoaren "barne esfera" gisa definitzen du Argik, "kokagunea du hiria edo herritarren bizitokia, eta bizitokia aldatuz gero, herritarren bizitza aldatzen da. Eraldaketa hori bizilagunen kalterako izaten ari da nabarmen". Joseba ildo beretik doa. "Kontsumitzen dira hiriak, bizimoduak eta pertsonak, dena azalekotu egiten da, dena da typical, eta dena txikitzen doa: auzoak, hiriak, komunitateak eta planeta". Argazkia: Dani Blanco. Alde Zaharrean etxe hutsak badaudela eta auzoko ehun sozialean parte hartzera joateko dei egiten diote jendeari. "Indibidualismoaren aurrean, bultza dezagun bizimodu kolektiboa eta bizitza ingurukoekin konpartitzea", dio Argik zer defendatzen duten ere esateari garrantzia emanez. "Okupatzeak ematen du elkar laguntzea praktikan jartzeko modu potentea, eta gainera, min egiten die", dio irribarrez Josebak elkarrizketa amaitze bidean. Ez daudela auzoan taberna bat duenaren edo turismo sektorean lan prekarioan ari denaren aurka argi utzi nahi dute. "Gu auzoak txikitzen eta sektorean negozio ugari dituzten enpresarien aurka gaude. Ahaztu gabe turismoak mila aurpegi dituela. Gure ekintzarekin hotela eta enpresari handiak seinalatu nahi ditugu". Dikotomia argi daukate: "Arriola edo auzokideok. Beraiek hotelak, guk etxebizitza komunitarioak". Kanpai hotsak entzun dira.
news
argia-bd37c606801a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/irabazleen-ahuntza.html
Irabazleen ahuntza
I�aki Odriozola Sustaeta
2017-10-01 00:00:00
Irabazleen ahuntza Gezurra badirudi ere, Kataluniari buruz ez hitz egitea erabaki dut. Danilo Zolo pentsalariak Irabazleen justizia liburuan dioenez, nazioarteko krimenak galdutako gerrak besterik ez dira. Hau gurera ekarriaz, herri txikiak gerra galduetan murgildurik ibiltzen gara, eta, horregatik, beti gaude justiziarik ez dagoen eremuan, kriminalizazio eremuan, ahaztuen, gaiztoen edo terroristen eremuan. Irabazleek egiten dute Legea, hizki larriz idazten dena, eta bortizkeriaren monopolioaz betearazten digute. Eurak ez daukate lege hori bete beharrik, eta betetzen ez badute ere, askotan gertatzen dena, abokatu eta epaileak jartzen dituzte, lagunak, ia inoiz zigortuak ez izateko. Irabazleek gerrak irabazten dituzte, eta hildako guztien gainean Bakearen Nobel saria eskaintzen diete. Galdu dutenak, ordea, lurraldea, etxea, eta bihotza triskatuta dakusaten artean, justiziaren atzamarrak euren gain sumatzen dituzte, ezintasunean erabat paralizatuak. 1936an estatu-kolpea eta ondorengo hiru urteko gerra eragin zutenak irabazle atera ziren. Aurkako ideiak zituztenak akabatu zituzten milaka, ez frontean, herrietan baizik, eta oraindik asko bide bazterrean edo mendietan lurperatuta dauzkagu. Irabazle ziren aldetik, ez ziren inoiz juzgatuak izan; alderantziz, ohorez tratatuak izan ziren. Jendartea eraso zuten, atxilotu, kartzelatu, fusilatu, desagerrarazi. Euren ideiak inposatu zituzten egitura totalitarioa eraikiz, gizarte hertsi, izuti eta indibidualista isila eratuaz, non denak denen beldur ziren, auzokoekiko mesfidantzan biziaz, hormak ere belarriak baitzituzten, eta hitz egitea arriskutsua izan zitekeela pentsatuaz. Irabazle hauek, estatuaren babesean negozioak egin zituzten, ondasun handien jabe egin ziren, eta besteentzat infernua zena eurentzat paradisu izan zen, gizakien gehiengoaren sufrimenduak areagotuz, gutxi batzuei, zoriona lortzeko balio izan ziena. Diktadorea hil zenean, dena ondo lotuta utzi zuen, boteredunek kapitala pilatzeko aldaketa politikoak behar zirela adierazi zutenean. Sistema politiko berria, Legea, hizki larriz, berritu zuten, armadaren begiradapean, eta jendartearen gainetik amnesia orokorra dekretatuz. Estatu berritua egitura zaharraren barnetik jariatu zen, ustez dena aldatuaz ezer aldatu gabe. Irabazleek berriro irabazi zuten, eta irabazle jarraitu dute gaur arte. Galtzaileek berriro galdu zuten, eta euskaldun galtzaile batzuek, temati, apurketa demokratikoa aldarrikatu, eta borrokan jarraitu zuten arren, ez dute lortu, esan dezakegu jada, frankismoaren ondorengoen egitura politiko ustela zulatzea. Agian, irabazleek, berriz ere, herri txiki bat zapalduko dute, Diagonaletik ahuntza paseatuaz. Halere, galtzaile tankerako abizena duen parlamentariak esan duenari helduko natzaio, etorkizuna ezin baitut asmatu: urriaren 1ean frankismoa hilko da behingoz, Kataluniako hautestontzi batean. Kaka zaharra, ez nuen Kataluniari buruz hitz egin nahi!
news
argia-1fd29a5061ec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/andre-histerikoak.html
Andre histerikoak
Leire Narbaiza Arizmendi
2017-10-01 00:00:00
Andre histerikoak Liliana Felipek "histerikoak tumatxak gara, galduak, vouyeurrak, seduzitzaile konpultsiboak, diva finak Freud eta Lacanen dibanera jaurtiak..." kantatzen du Las histéricas- en. Abesti hori gogoratu nuen twitterren lagun batzuen elkarrizketa irakurrita. Plastiko beltzen atzeko neska gazteez ziharduten Hondarribiko alardearen ondoren. Jaime Altunak zioen neskak plastiko beltzen ostean zeuden bitartean, mutil eta gizonak alarde baztertzailean zebiltzala desfilatzen, lasai eta eroso, inongo kontaktu barik gatazkaren alde bortitzenarekin, txaloak jaso eta parranda egiten. Jaizkibeleko kideekin elkartzen diren tokietan ez dagoelako gatazkarik. Jaizkibel konpainiako ezagunak agurtzen dituzte, elkarrekin hitz egiten dute, "ondo pasa" esaten diete… Mutil eta gizon. Hortxe gakoa.  Begiak zabaldu zizkidan. Neskatilak dira aurpegia ematen dutenak, plastiko beltzean ostenduta. Bitartean, gizonezkoek disfrutatu eta luzitu. Gizonak "normal" eta natural; andrazkoak, ostera, histerikoak. Histerikoek eskopetarekin irten nahi dutelako. Histerikoek, plastiko beltzekin matxismoa defendatzen baitute. Beti histerismoak jota, jakinekoa baita histeriko berba femeninoan deklinatzen dela.
news
argia-09355b6c5532
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/hazien-tramankuluak.html
Hazien tramankuluak
Jakoba Errekondo
2017-10-01 00:00:00
Hazien tramankuluak Fruitu sasoia da: gaztaina, hur, intxaur, ezkur, maspil.... Gure paisaietan ugarienak, hala ere, mahatsa eta sagarra. Baliatzen ditugun fruitu etxekotutakoez hitz eginda, alegia. Pentsatuko duzun bezala, hor, han eta hemen, denean, milioika fruitu sortzen ari dira etengabe. Fruitu horiek hazien bidaia-ontziak dira. Haziak hedatzeko eta ahalik eta urruneneko toki egokiren batera iristeko tramankuluak dira fruituak. Tramankulu horiek bidea emango diote hazien etorkizunari: animaliaren batek jan eta egunetara izango den beste lekuren batean botatzea helburu, usain, aho dasta, kolore eta abar aproposak garatuko ditu fruituak. Haizeak eraman beharko dituenak hegal, hego, luma edo jausgailua erantsiko dio haziari. Izan ere, hazia da dena. Denaren etorkizun guztia, sekula berdina izango ez dena. Hazia eman duen landare amak ez du ezagutuko bera bezalakorik, berria, eta hazia hori da, berri hori ama baino hobea izateko aukerak sortzea. Landare batek izugarrizko hazi pila eman dezake urtero, eta bakoitza landare aldaera berri baterako bidea da. The Botany of Desire: A Plant's-Eye View of the World (Random House, 2001) gutxi gorabehera "Desiraren botanika: munduari buruzko landareen ikuspuntu bat" liburu ederrean Michael Pollanek sagarrondoa aipatzen du ( Malus x domestica ), eta hari buruz honela dio: "Beste edozein ezaugarriren gainetik, sagarrondoaren aldakortasun genetikoak —bere alde basati sahietsezinak— ematen dio ahala New Englanden, Zeelanda Berrian, Kazakhstanen edo Kalifornian, leku zeharo desberdinetan etxean bezala sentitzeko. Sagarrondoa edozein tokitara joanda ere, bere ondorengoek sagarra denari buruzko halako aldaera aukera proposatzen dute –sagar bakoitzeko gutxienez bost, arbola bakoitzeko milaka–, eta horietako pare bat behinik ia behartuta dago fruitu arbolaren etxetzakoan aurrera egiteko behar diren ezaugarriak izateko". Hau da, hazia, sagar bakoitzean bost bat, sagarrondo bakoitzean milaka, sagar mota berri bat sortzeko aukera da, eta, erraz nahasten denez, lur zeharo desberdinetara egokitzeko gaitasuna hartzen du. Hurrena, hazi bat ahoratzen duzunean, jakizu: osorik badoa landare berribat izan daiteke; Phaseolus vulgaris , babarruna bezala kosk txikitzen baduzu aukera galdu bat.
news
argia-b5f38442029f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/eskola-kirola-eta-genero-berdintasuna.html
Neska eta mutilek elkarrekin ala banandurik jokatu behar dute?
Jon Torner Zabala
2017-10-01 00:00:00
Neska eta mutilek elkarrekin ala banandurik jokatu behar dute? Pentsa liteke, berdintasunean oinarritutako heziketa bermatu nahi bada, eredu mistoa dela egokiena. Hala uste du adibidez Itsaso Nabaskues futbolari ohi eta EHUko ikerlariak. Datuek, baina, bestelakoa erakusten dute sarri: elkarrekin jokatzen dutenean mutilek hartu ohi dute protagonismoa eta, gainera, ezin esan daiteke eskola kirolean nesken parte-hartzea areagotzen denik. Hori horrela, gaur gaurkoz eredu bananduaren alde egiten du Ainhoa Azurmendi eskubaloi jokalari ohi eta berdintasun gaietan adituak. Bi elkarrizketatuak bat datoz: hezkidetza oinarritik bertatik hasi behar da lantzen. "Eskola kirolean partaidetza mistoa ezartzeak ez du esan nahi berez emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko modu onena denik, batik bat, sozializazio prozesuan haur guztiek emakume eta gizon izateari buruz ingurutik jasotzen dituzten muturreko mezuengatik, kirol arloak berezko duen izaera maskulinoagatik, eta hezitzaileek hezkidetza lantzeko dituzten mugengatik", irakurri dezakegu Eskola kirolean neska-mutilen partaidetza mistoa edo banatua: datuetan oinarritutako proposamena (pdf) txostenaren sarreran. Eta amaieran: "Eskola kirolean neska-mutilek banatuta jokatu dezaten iritzia mantentzen dugu. Egia da tarteko ereduak oso egokiak izan daitezkeela, esaterako, jarduera berezietan (orientazioan, piraguan, herri kiroletan…) elkarrekin eta taldekako kiroletan banatuta jokatzea. Alabaina, eredu horrek erabateko estrategia edo heziketa eredu baten barruan egon beharko luke". Avento aholkularitza-enpresak egin du txostena, Hernani eta Pasaiako udalen eskari banari erantzunez. Bi udalerriotako eta Astigarraga, Beasain, Zumaia eta Gipuzkoako beste hainbat ikastetxeren jarduna aintzat hartuta, txostenaren egileek diote ez dutela ezagutu eredu mistoak nesken partaidetza handitzea ekarri duen esperientziarik; bai, ordea, kontrakoa eragin dutenak. Avento enpresako kide Ainhoa Azurmendi. Txostenaren ondorio nagusiak harritu egin gaituela kontatu diogu Avento enpresako kide Ainhoa  Azurmendiri, ez genuela uste hain argi egingo zuenik neska eta mutilak banatzearen alde. "Ez zara bakarra", erantzun digu. "Jendeak pentsatzen du, berdintasunaren defendatzaile izanik, partaidetza mistoaren aldekoa behar dudala izan. Ez naiz absolutista, eskola kirolaren ingurukoak etengabe errebisatu behar dira, baina gaur gaurkoz, ez dut uste eredu mistoa egokiena denik. Ez gaude erronkari erantzuteko prest". Baloia, mutiletik mutilera Kirol ez formalaz hitz egin digu, txikiak garenetik plazer hutsez espontaneoki egiten dugun jardueraz; eta nola, oro har, gizarteko beste hainbat esparrutan bezala kirolean ere, espazio publikoa mutilek hartzen duten gehienetan. Tradizioz gizonen espazioa baita kirola. Aipatu dizkigu sozializazio prozesua, gorputzaren jabekuntza, familiaren eragina kirola praktikatzerako orduan, inguruneak gugandik espero duena, estereotipoak… eta horiek guztiek zer nolako eragina daukaten neskek kirolarekin izango duten hartu-emanean. Jarduera ez formalean gertatzen den gauza bera sumatu du Azurmendik eskola kirolean ere, taldeko kiroletan bereziki: "Mutilek hartzen dute protagonismoa, eta askotan neskek euren espazioa eztabaidatu gabe uzten dute". Aventoko teknikariek benjamin mailako talde mistoen lau partida behatu zituzten Pasaia-Lezon, eskubaloiko eta futboleko bina. Eta jabetu ziren, besteak beste, pase gehienak mutilen artekoak izan zirela eta hamar goletatik bederatzi eurek sartu zituztela. Halaber, neskek baino iniziatiba jokabide gehiago azaldu zituzten mutilek; esaterako, baloia galdu ostean neskek ez zuten borroka egiten hura berreskuratzeko, mutilek baloia hartzeko keinua egitean orohar azkar etsitzen zuten neskek. "Gizartearen ispilu dira jarrera hauek, emakumeen gorputza eta espazioaren jabekuntza ezaren ondorio", dio txostenak. Hezitzaileak hezi beharra Azurmendik azaldu digu guraso askok agertu diola eredu mistoaren aldeko iritzia, euren alaba koadrilan-eta mutilekin batera ibilita, ulertezina zaielako eskola kirolean bananduta aritzea. "Gaurko ogia biharko gosea, ordea, kadetetara heltzean ezin izango dutelako elkarrekin jokatzen jarraitu", esan digu. Eredu mistoa jarri nahi bada, kirol ibilbide osoa irauli beharko litzatekeela uste du Azurmendik, eta ez gaudela puntu horretan. Esaterako, ezin esan daiteke hezkuntza sisteman genero ikuspegia barneratuta dagoenik. "Zoritxarrez, genero ikuspegia ez dago curriculumean erabat txertatua". Eskola kirolaren inguruan diharduten aditu, irakasle, hezitzaile eta begiraleek, hezkidetzaz nahikoa ezagutza ez dutela dio Azurmendik. Kontua ez da soilik neska eta mutilen parte-hartze orekatua bilatzea; osagai asko dira aintzat hartu beharrekoak: komentarioak, begiradak, bromak, jokalarien sexu joera, jazarpen egoerak kudeatzea... "Hezkidetza ez da neska eta mutilak nahastea eta kitto". Halaber, badira mutilen taldeetan jokatu baina eredu mistora pasa nahi duten mutilak, "agian ez direlako identifikatzen maskulinitate lehiakorraren ereduarekin". Zentzu horretan, aipatu behar da mutilek ere mutilen artean bazterketa bizi dutela, arrazoi diferenteak medio. "Ez dut esan nahi emakumeok lehia gogoko ez dugunik e!", argitu digu.   Itsaso Nabaskues "Galdera ez da ereduak berezitua ala mistoa izan behar duen, baizik eta indarrean duguna aproposa ote den hezkidetzan sakontzeko" Real, Athletic eta Oiartzun futbol taldeetan jokatu du Itsaso Nabaskuesek, lesio batek erretiroa hartzera behartu zuen arte. Egun, genero berdintasunaren inguruko ikerketa-lanari lotua dago. Emakumeen futbolaz eta eskola kirolaz hainbat iritzi artikulu plazaratu duzu. Eskola kirola: Zeinentzako kirola? izenekoan (Klitto!, 2016-10-25) kritiko agertzen zara, besteak beste, 10 urterekin neska eta mutilak bereiztearen inguruan. Zergatik banandu, eskolan denak batera baldin badaude eta gorputz hezkuntza elkarrekin egiten badute? Argi dago hezkidetzari dagokionez lan eskerga dagoela egiteke, badela zer eztabaidatu: Soin hezkuntzan nesken eta mutilen parte hartzea berdina al da? Ala mutilek dute protagonismoa? Eskola kirolean ematen diren jarrerak errepikatzen al dira han ere? Beharbada, eskola kirolean garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke hezkidetza sustatzeari, eta ez hainbeste futboleko, saskibaloiko edo eskubaloiko arauak ikasteari. Hiru kirol "tipiko" horiek egin behar direla nork erabakitzen duen galdetzen zenuen aipatu artikuluan… Nire ustez galdera ez da eskola kirolak berezitua ala mistoa izan behar duen, baizik eta egiten ditugun jarduerak aproposak ote diren neska eta mutilen parte hartze hezitzailea bermatzeko, hezkidetzan sakontzeko. Eta, agian, hiru kirol horiek ez dira egokienak horretarako. Ez dago legerik behartzen duena eskola kirolean hiru kirol horiek egitea. Zergatik dute orduan horrenbesteko garrantzia? Helburu hezitzaileez gaindiko interesak al daude tartean? Azken finean, elkar banantzean, neska eta mutilek ikasten dute bereziturik behar dutela egon. Egia da eredu mistoa gaur gaurkoz ezin daitekeela maila eta kirol guztietan txertatu; esaterako, eskola kirola 16 urtera arte luzatzen delarik, klubetan ere elkarrekin joka genezake, baina biologikoki oso desberdinak garela diote eta… Hori da kontua. Ba al du zentzurik neska eta mutilek elkarrekin jokatzea, 16 urterekin banandu egiten badituzte? Bananduko naute baldin eta errendimenduaren bidea hartzen badut. Aisialdi talde batera joanez gero mutilekin batera jokatuko nuke palan. Izotz hockeyan elkarrekin entrenatzen dute neska eta mutilek, atletismoan… Kontuan hartuta biztanleen %10ak jotzen duela errendimenduko kirolera, noren interesak behar dira ase, %10 horrenak ala gainerako %90arenak? Dena den, gauzatxo bat: aintzat hartuta eskola kirolean monitore gisa izan dudan esperientzia [Lezon], eta generoa aldagai oso inportantea dela onartuta ere, esango nuke, orohar, norberak duen abileziaren araberakoa dela talde barruan izango duen protagonismoa; alegia, trebeagoa izan ala ez, bereziki horren menpe dagoela baztertua ala integratua izatea. Bestetik, jende asko senti daiteke baztertua, urritasun bat duelako, sexu-joeragatik… Monitorearen figura aipatu duzula-eta, hezkidetzan nahikoa trebatuak daudela uste al duzu? Hain justu horri buruzko ikerketa egiten ari gara Gasteizko campusean, soin hezkuntzako irakasle eta ikasleekin, eta ikusi dugu inklusioaren eta abileziaren inguruan nozio tradizionalak dauzkatela, eta ez direla gai sentitzen etorkizuneko –begiraleak direnean– erronkei erantzuteko. Jarrera positiboa agertu arren mugak dauzkate. Zergatik aritu behar dira neska eta mutilak bananduta? Nola bultza daiteke abilezia desberdineko umeen parte-hartzea?. Gauza askori buruz hausnartu behar dugu. Bide batez: monitoreei "entrenatzaile" deitu ohi zaie; eskola kirola lehiarekin lotzen dugula erakusten du horrek. Eskema batzuk barneraturik ditugu oso, subkontzientean iltzaturik. Hala da. Ez dugunez ezagutzen gauzak egiteko beste eredurik, ondorioez hain kontziente ez garenez, aldatzeko beharrik ere ez dugu ikusten. "Neskei ez zaie kirola gustatzen". Hori ez da horrela, ez da zerbait genetikoa, ikasitakoa baizik. Subkontzientean dauzkagun gauza horiek dira arriskutsuenak, ez garelako ondorioez ohartu ere egiten. Kirola, futbola zehazki, tresna eraginkorra izan daiteke balore hezitzaileak transmititzeko, egoki landuz gero bederen… Hala da, ez dut esaten futbolari boikota egin behar zaionik, baizik eta kontziente izan behar dugula hark duen kutsu maskulinoaz, eta lan egin behar dela balizko jokaera okerrak zuzentzeko, inor baztertua ez sentitzeko… Harremanetan sakondu eta estereotipoak iraultzeko tresna eraginkorra izan daiteke, baina ez abileziaren arabera soilik egituratzen baldin bada. Askotan, hezkidetzan sakondu aldera, futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain beste kirol batzuk ere landu beharko genituzkeela hitz egin ohi dugu lankideon artean, baina guraso batzuek errezeloz hartzen dute. Pena da.
news
argia-5967257ada06
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/irakurleak-osatu-beharko-duen-agenda-gida-liburua.html
Irakurleak osatu beharko duen agenda-gida-liburua
Garazi Zabaleta
2017-10-01 00:00:00
Irakurleak osatu beharko duen agenda-gida-liburua Labetik atera berri du ARGIAk Landareak Lantzen, baratzerako urte osoko gida-liburua eta agenda. Lan berriaz galdetu diegu bi egileei: Jakoba Errekondori eta Antton Olariaga marrazkilariari. Jakoba Errekondo: "Osatzen duenak kriston entziklopedia edukiko du" "Batetik, urte guztian landareekin egin behar diren lanen gaineko egutegia aurkituko du irakurleak, lau arlori begirakoa: baratzea, frutarbolen baratzea, loreen baratzea eta basoa. Hilabete bakoitzak sasoi horri buruzko sarrera dakar, eguraldi ikuspegitik zenbat eguzki eta zenbat argi ordu dauden eta horri lotuta zein lan egiten diren azalduz. Bestetik, hamabostean behin bi lan aurkezten dira gehiago zehaztuta: ez da 'orain udako txertoa egin behar da', baizik txerto hori nola egiten denaren azalpen zabalagoa, Olariagaren irudiarekin lagundua". "Lehen aldiz Euskal Herriko mapa klimatikoaren proposamena ere egin dugu, eta bestelako informazio orokorra ere eskaintzen da liburuan: ilargiari lotutako informazioa, baratze bat egiteko oinarrizko zortzi urrats, ongarrien osaketa, landarea jartzen dugunetik jaso arte zenbat denbora pasatzen den... Informazio orokor horretaz guztiaz gain, nire ustez oso garrantzitsua den eta argitaratzen lehen aldia izan den Euskal Herriko ekoizle ekologiko guztien zerrenda ere osatu dugu". "Liburua agenda bat da, azken batean, baina bereziki baratzerako prestatua dagoena, norberak egun bakoitzean zein lan egin dituen apuntatzeko. Jendeak dio: 'Iaz sekulako tomateak izan genituen', eta galdetzen diozunean ea noiz landatu zituen, 'a, ez dakit' erantzuten du. Askok ez dakite zer egiten duten eta gero gauzak zergatik ateratzen zaizkien ongi edo gaizki baratzean. Bada, ikasten joateko bakoitzak informazioa biltzea garrantzitsua da. Bizpahiru urtetan hori osatzen duenak kriston entziklopedia edukiko du". Antton Olariaga: "Lur gainean eta azpian gertatzen dena apasionantea iruditzen zait" "Jakobak testu bidez azaltzen duenari irudi bidez lagundu diot nik, berea azpimarratu edo azaltzeko. Ilustrazioen oinarria, beraz, testuan dago. Ilustrazio handiak eta txikiak egin ditut, handietan hilabete bakoitzeko lan edo egitekoak irudikatuz. Batzuetan, ordea, lanen bat egitean, zeozer ereitean adibidez, emaitza izaten dugu presente, ereiten dugun hori bukaeran zer izango den, horrekin amesten baitugu. Liburuan, zenbaitetan, jolas egin dut espazioarekin eta denborarekin, emaitza hori irudikatuz. Alde horretatik oso entretenigarria eta dibertigarria izan da lana, irakurleari pista txikiak ematea". "Ilustrazioak egiten ditugunok beti harremana izan behar dugu idazlearekin edo gaia proposatzen duenarekin, konplize bihurtzen gara onerako eta txarrerako. Jakobak eta biok hitzaldiak elkarrekin eman izan ditugu lehenagotik Altza Porru liburuaren harira, asko ikasi dut eta hurbildu egin naiz bere hizkuntzara, konplizitate bat lortu dugu hor. Lur gainean eta lur azpian gertatzen dena niri ere apasionantea iruditzen baitzait, marabilla handi bat dira fenomeno horiek guztiak, eta marrazkiak egiteko estimulu dira niretzat". "Guk erein egin dugu liburua, irakurleak orain hori handitu eta bete egin behar du, zirriborroekin, apunteekin, bakoitzaren eskemekin, datuekin... Atrebitu zu ere bertan marrazkiak egitera! Marrazten ez dakiela dioena gezurtero handi bat da...".
news
argia-70d89e6f4795
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/mursego.html
"Konfort eremutik ateratzen zaituen artea da benetan eraginkorra"
Kepa Matxain
2017-10-01 00:00:00
"Konfort eremutik ateratzen zaituen artea da benetan eraginkorra" Bizikidetzaren alde eta aurreiritzi arrazisten zein klasisten aurka egindako diskoa da 100% Oion. Mursegoren arrastoa galdu gabe, letra politiko argiak dituena. Diskoa osatu bitarteko prozesuaz hasi, eta hizketagai gehiago ere sortu dira: musikaren ahalmen mobilizatzailea edota tradizioa ulertzeko modua, esaterako. "Hustuta, baina pozik" bukatu du 100% Oion proiektua Mursegok. "Eskerrak Ibon RG eta Ander Barriuso ondoan izan ditudan, ze nik jota amaitu dut", dio. Lauso oroitzen du dena hasi zenekoa, bai baitira ia bi urte ordutik. Askorik pentsatu gabe eman zion baiezkoa Idoia Zabaleta bitartekariari. "Asko miresten dut, eta berarekin lan egin nahi nuen". Gero ezagutu zituen proiektuaren xehetasunak: nola baden Komanditario Berriak izeneko ekimen bat, Daniel eta Nina Carasso Fundazioarena: "Garai batean elizak edo erregeek bakarrik zeukaten artelanak enkargatzeko ahalmena. Ekimenak, aldiz, gizarte zibilari eman nahi dio botere hori, kolektibo desberdinek dituzten beharrak asetzeko". Oiongo bizikidetza hobetzea helburu zuen proiektuak jaso zuen fundazioaren laguntza, berari proposatu zioten disko bat osatzea, eta orduan hasi zuen bileraz, Whatsappez, buruko minez eta une ederrez jositako aldi bat, orain gutxira arte luzatu dena. Zergatik Oion? Mugako herria da. Bertako askok Logroñon egiten du lan. %21eko langabezia tasa dago, ia gazteen erdiak ez du lanik. Etorkin asko dago, batez ere pakistandarrak, arabiarrak eta ijitoak. Eta elkarbizitza arazo handiak dituzte. Adibidez, eskola publikoaren eta ikastolaren arteko gatazka oso grafikoa da. Parez pare daude, hesi batek banatzen ditu. Publikoan daude etorkin guztiak, eta ikastolan gainerakoak. Baina bertakoen artean ere dena dago polarizatuta: edo zara euskalduna, edo zara pepero bat. Hori bai, pepero ek haurrak ikastolara eramaten dituzte, etorkinez jositako publikora ez eramateagatik. Eta panorama horretan sortzen dira islamofobia, estereotipo negatiboak –hala nola eskola maila jaisten dutela, ospitaleak kolapsatzen dituztela, eta abar– eta Zurrumurru, zurrumurru kantan aipatzen diren beste hainbat kontu. Ze pauso eman dituzu kantak osatzeko? "Urteak daramatzagu Laboatik eta Letetik bizitzen. Puskatu beharra dago horrekin" Oiondarrekin hainbat bilkura egin ondoren, Idoia Zabaletak eta biok fitxa bat osatu genuen, ze kanta mota egin nahi genituen zerrendatuz: arabierazko haur kanta bat, zurrumurruen aurkako bat, tekno-jota bat… eta gero pentsatu genuen herriko ze kolektibok parte har zezakeen. Orduan jakin genuen bertso eskola bat zegoela, edo Irule kultur elkartea –trikitia, txistua, dantza eta abar erakusten dituena–, rock taldeak, gazte asanblada… Iazko uda ostean Whatsapp bidez funtzionatzen hasi ginen, eta haur kanta arabiarra hautatzerakoan, emakume musulmanek egungo pop kantak bidaltzen zizkidaten, oso edulkoratuak. Nirekiko pentsatzen nuen: hau ez dut egin nahi. Gero elkartu ginen Manolo herriko jakintsuarekin, eta hark kontatu zizkigun zeintzuk diren Oiongo ohiturak. Haren ahotsa sartu duzu kanta batean. Hori da. Asko gustatzen zait prozesu hori, aitona bati entzutea eta informatzea. Era berean, bildu ginen emakume arabiarrekin. Eta pixkanaka, konfiantza sortu ahala, galderak egiten hasi nintzen, zer den emakume musulmana izatea, nola bizi duten zapiaren auzia… adibidez, ohartu nintzen Korana autolaguntza liburu bat dela beraientzat, zentzurik onenean. Eguneroko bizitzan laguntzen die. Esaten die nola tratatu bizilagunak, nola hezi seme-alabak. Goibel daudenean Koranera jotzen dute lasaitasun bila. Irakurri zizkidaten pasarte oso politak. Nik San Blasak eramaten nizkien. Badakizu, jendea tripetatik irabazten baduzu… Prozesu konplikatua izan da '100% Oion' diskoarena, baina emaitzarekin gustura dago Maite Arroitajauregi 'Mursego' (argazkia: Dani Blanco). Beren kulturan barneratzeko aldi bat egon zen, beraz. Bai. Bilera horietako batean kantatu zidaten Tala al badru aleina kanta, aurrez Whatsappetik bidali zidaten bat, Holandako koru batek kantatuta. Orduan ez bezala, kanta entzutean beraien ahotan, korridorean zehar txaloka eta oihuka zebiltzalarik, sekulako indarra zeukala iruditu zitzaidan. Unean bertan esan nuen: hau da kanta. Melodia oso itsaskorra zen, oso ederra. Baina, zer diren gauzak, Korana k ez die uzten publikoan kantatzen. Musika batez ere ezkontzekin eta antzeko ospakizunekin lotuta dago. Edo bestela da zerbait etxekoa edo intimoa. Kantatu dezakete, baina asko jota bizpahiru instrumentu erabilita, laguntza gisa. Guk, ordea, umeek eta emakumeek kantatzea nahi genuen. Beraz, arazo bat geneukan. Esaten genien kausa on baten alde zela, azkenerako beraiek ere ohartu ziren, eta bukatu zuten diskoan eta aurkezpenean kantatzen. Gogorra bezain ederra izan da proiektua. Zeintzuk izan dira unerik zailenak? Adibidez, Óyenos Oyón -ekin gertatu zitzaiguna. Kexen koru bat egin nahi genuen. Zer den hori? Ba egoera batek sortzen dizun amorru guztia bideratzea kantatzera, eta era horretara amorrua energia positibo bilakatzea –Helsinkiko ekimen batean oinarritu ginen–. Galdeketa kolektibo bat egin genuen herrian. Kartulinazko postal batzuetan bi galdera idatzi genituen. Alde batean, zer aldatuko zenuke zure herrian? Bestean, Oion kanta bat balitz, ze kanta litzateke? Postalak utzi genituen udaletxean, tabernetan, eskoletan, kultur etxean… 200 kexa inguru jaso genituen, eta horietan oinarrituta idatzi genuen letra. Herriko korua zen kanta hura kantatzekoa, baina letra bidali genienean sekulakoa piztu zen. Koruko partaide batzuek ez zituzten kexak onartu: "Nire herriak gaizki usaintzen du", "ez dago deus egiteko"… halakoak ez zituzten ulertzen. Nola esan halakorik hainbeste maite duten herriaz? Ez zuten jakin distantzia hartzen eta autokritika egiten. Zuzendariak deitu zidan esanez korua ia desegin egin zela, baina berak erabat babesten zuela proiektua. Letra udaleko plenora eraman zuten. Batzuek ospe txarra zabaldu ziguten herri osoan. Egiten duzu sekulako lana kanta idazten, grabaketa gertu dago, eta bat-batean hori. Oso gogorra izan zen. Azkenean, kaleko jendea bilatu behar izan genuen korurako. Eta hori izan zen politena: konturatzea gelditu zen jendeak benetan sinesten zuela proiektuan, astindu genuela herria, eztabaida sortu zela, zer esana eman genuela, nolabaiteko mugimendua egon zela, eta horrek guztiak proiektua ikusarazteko balio izan zuela. Unerik ederrenak une gogorrei lotutakoak izan dira, hortaz. Asko bai. Aurora kantariekin ere izan genuen arazo bat –Oionen, auroroak kantatzera irteten dira Errege egunaren, Bikendi deunaren eta Done Anastasioren bezperan–. Jatorrizko letra bidaltzean, erantzun ziguten haurrentzako egina zirudiela, ez zela ulertzen, ez zitzaiela gustatzen, eta ez zutela kantatuko. Entseguaren bezperan. Azkenean, zuzendari ardurak hartu zituenari esan genion idazteko bere gustuko letra bat, eta hortik aurrera giroa pixkanaka hobetu zen. Gaupasa egin zuen biharamunerako letra idazteko. Oso letra polita, jatorrizkoa kontuan hartuta idatzia. Hunkitu egin nintzen, tipoak gugan sinetsi zuelako. Gero, atera zen atera zena. Jende amateurraz ari gara hizketan. Pentsatzen dut erronka handiena izango zela kontu teknikoetan zenbateraino jarri zorrotz, zenbateraino eman amore. Noski, etengabe neure burua lasaitzen aritu behar izan dut. Banekien ez zela aterako nik buruan nuena. Baina musikari gisara gutxiengo bat nahi duzu, eta ikusten duzunean desafinatuta kantatzen dutela, ez doazela erritmoarekin batera… filosofia handiz hartu beharra daukazu, diskoaren helburua beste bat dela sinestarazi behar diozu zeure buruari. Gauza horiek guztiak kudeatzea izan da zaila, baina emaitzarekin pozik nago. Azken batean, herriko kantak dira asko, eta uztakoetan saiatu naiz neure buruari jarritako maila horretara iristen. Adibidez, asko gustatu zait nola gelditu den Irulea gira biran , edo Zurrumurru, zurrumurru . Halakoetan, lagunei deitzeko lizentzia hartu dut: Aida Torres, Karlos Osinaga Txap , Mariano Hurtado, Kau Kori Kura , Amorante … "Oiongo herritarrek esan didate aldatu direla kontu txiki batzuk. Adibidez, orain elkar agurtzen dute lehen egiten ez zutenek" Diskoak balio izan al du Oionen zerbait aldatzeko? Herritarrek esan didate aldatu direla kontu txiki batzuk. Adibidez, orain elkar agurtzen dute lehen egiten ez zutenek. Azken batean, kanta bat entseatzen elkarrekin luze aritu direnen artean lotura bat sortzen da. Bestalde, esan didate ondokoari beste era batera begiratzeko gai direla, gehiago enpatizatzen dutela. Disko honek ni autokritikoago bihurtu nau, eta pentsatzen dut herritarrak ere baietz. Gustatuko litzaidake proiektu honek jendea bultzatzea gauza txikiak egitera, nik zer dakit, jaietarako kanta bat, eta halako kontuak. Musikak badu –arteak, oro har– indar asko jendea motibatzeko eta mobilizatzeko. Are, musika iristen da beste arte diziplinak iristen ez diren puntu batera, hitzekin esan ezin duzuna esan dezakezu musikarekin. Eta ez du mundua aldatuko, baina Oteizak zioen –eta ados nago– arteak ez duela mundua aldatzen, baina artista aldatzen duela, eta gero artistok, pertsonok garela mundua alda dezakegunak. Ni pertsona desberdina naiz zerbait konposatu aurretik eta ondoren. Sorkuntza prozesu orok aldatzen du pertsona. Bestalde, Oiongo proiektuak nire konfort eremutik atera nau etengabe, eta uste dut hori lortzen duen artea dela benetan eraginkorra. Konfortetik atera nauten kontzertuak dira memorian iltzatu zaizkidanak: Ertz jaialdikoak, edo, urrutira joan gabe, aurten Akauzaztek Galdakaon emandakoa. Noski, izugarri dibertitu naizen kontzertuak ere oroitzen ditut, baina, oro har, uste dut musikak ez duela konplazientea izan behar, deserosoa izatera hel daitekeen ariketa baizik. Iruditzen zait bazterrotan jendea mobilizatzeko egiten diren kantetan sarri jotzen dela epika behartu batera, beti kantaren kaltetan. Bai, eta pena da, ze epika modu asko daude, epika errazean jausi gabe. Adibidez, Óyenos Oyón kantako kexen korua ere oso epikoa da, baina hori da asko gustatzen zaidan epika bat. Kanta horri epika itsatsi egiten zaio, kexatzen ari zara, eta kantaren izaerak berak eskatzen du epika. Gustatuko litzaidake jendea mobilizatzeko egiten diren kantak negar egiteko baino gehiago izan daitezela akziora dei bat. Badaude moduak, egin daitezke gauzak betiko formulatik harago. Hasteko, eskatu talde bakar bati kanta egiteko, betiko collageak ahaztuta. Gero, saiatu trikitia eta ska estiloko haize sekzioetatik haragoko zerbait egiten. Otutzen zait, adibidez, Berri Txarrak gai dela melodia indartsuak egiteko letra interesgarriekin. Edo, bestela, Kau Kori Kurak ziur zerbait ederra egingo lukeela. Malkorik ez badago, ez da nire iraultza. Eta hori bilatzen dugu betiko formulekin. Urteak daramatzagu Laboatik eta Letetik bizitzen, Txoria txori enegarrenez bertsionatzen, dela dantzarako, dela antzerkirako. Puskatu beharra dago horrekin. Zergatik ez dugu jotzen ezagutzen ez den tradiziora? Begira gerrako kantekin Tapiak egiten duen lana. Badago zer aldarrikatu. Artze bera, adibidez. Egin dezagun kantaldi bat Artzeren letrekin, edo poema errezitaldi bat, edo spoken word bat, nik zer dakit. Irakur dezagun atzetik aurrera, esperimenta dezagun horrekin. Baina erabili dezagun material hori zerbait berria egiteko. Era horretara, memoria lantzen duzu, gauza berri bat egiten duzu, zure modura moldatzen duzu, eta jendeari ezagutarazten diozu. Oarso museoan halako zerbait ari dira egiten Artzerekin. Bere poema batzuetan oinarrituta ariketak prestatu dituzte euskaltegietako ikasleentzat, eta abar. Gauza horiek oso interesgarriak dira. Zerbait aktiboa izan daitezela museoak. Alegia, ondarea hartu eta beste zerbait egitea, bere horretan erreproduzitu beharrean. Edo hartzea bere espiritua, bere lan egiteko modua, eta jarrera horrekin egitea beste zerbait. Beraiek omentzeko modurik onena litzateke, ziur asko. Laboarekin hori pentsatzen dut. Ikusiko balu zer gertatu den bere kantekin, bihotzeko bat emango lioke. Aldiz, norbait hasiko balitz bat batean hizkuntza bat asmatzen, Bachen pasarte bat kontzertu batean sartzen, edo eszenatokian Chiquito de la Calzada bezala mugitzen… Gakoa da esentzia, espiritua, lan egiteko modua berreskuratzea, eta ez obra. ENTZUN Mursegoren 100% Oion diskoa osorik entzun nahi baduzu, hemen duzu aukera. 100% Oion by Mursego eta Oiongo herria
news
argia-9b5cc7d1b7d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/erabakitzeko-eskubidea-jokoan.html
Erabakitzeko eskubidea jokoan
Asier Blas Mendoza
2017-10-01 00:00:00
Erabakitzeko eskubidea jokoan Kataluniako prozesu sezesionistak bi oztopo nagusi izan ditu hasieratik. Lehenengoa da Espainiako Gobernu eskuindarrak erakutsitako demokraziaren aurkako jarrera. Itsu, mutu, gor egon da Kataluniako gehiengoak eskatzen zuen egokitzapen nazionalaren aurrean lehenengo, eta ondoren, autodeterminazio eskubidea egikaritzako aldarrikapenaren aitzinean. Bigarren oztopoa aldiz, Kataluniako indar politikoen arteko barne korrelazio kontua da. Espainiako Estatuak daukan demokraziaren aurkako jarreraren aurrean sezesionismoak ez du izan gehiengo nahikorik aldebakarreko independentzia prozesu bat martxan jartzeko. Aipatu izan dugun bezala, botoetan legitimatu diren aldebakarreko sezesio prozesu guztiek gutxienez parlamentuan edota erreferendumean bi hereneko babesa izan dute. Independentistek hasieratik Esloveniako prozesua, Estoniarekin batera, eredu gisa erabili dute Kataluniarako. Esloveniatik gauza asko ikasi daitezke. Halere, egun Eslovenia independentea bada Jugoslavia ohiari esker da, honek askatu zuen Italiarengandik eta Austriarengandik. Esloveniarrak nazio bezala aitortuak ziren Jugoslavia ohian, beraien hizkuntza jaun eta jabe zen beraien errepublika sozialistan, eta hori guztia gutxi balitz, federazioko aginte organoetan parte hartzen zuten sezesioaren kontrako neurriak hartzen zirenean. Urriaren 1ean Kataluniak ez du berme demokratikoak betetzen dituen sezesio erreferendum bat izango, egia da Iñigo Urkullu lehendakariak esan duena, erreferendum saiakera horretatik ezin da atera estatu berri baten jaiotza. Baina horren errua ez da Kataluniako Gobernu eta Parlamentuarena, baizik eta Espainiako Gobernu eta Parlamentuarena Akaso irakurleak ez du jakingo, baina Tito erdi-esloveniarra eta erdi-kroaziarra zen. Jugoslavia ez zen inposaturiko egitura bat Eslovenian, kontrakoa, Jugoslavia esloveniarren askapen nazionalerako tresna izan zen. Sezesioaren aurka egon ziren beti azken minutura arte, baina Jugoslaviara krisi ekonomikoa ailegatu zenean, Milan Kučan-ek, Eslovenia independenteko lehenengo presidenteak esplikatu zuen bezala, irtenbidea Europar Batasunean ikusi zuten. Herrialde txiki balkanikoan prest zeuden Jugoslaviarekin sartzeko Europako Ekonomia Erkidegoan, baina federazioa onartu izan ez balute, bidea bakarrik urratzeko prest zeuden. Bruselak ez zuen Jugoslavia onartu kide bezala eta ondorioz, Eslovenian independentzia zaletasuna bizpahiru urtetan ia ezerezetik masiboa izatera pasatu zen. Erreferenduma herrialdeko alderdi parlamentario guztiek deitu zuten, partaidetza sekulakoa izan zen, independentziaren alde hauteskunde erroldaren %88,5ak botoa eman zuen, hau da, parte hartu zutenen %94,8ak. Babes ia geraezina; ez da Kataluniako kasua. Horrez gain, Eslovenian gehiengo zabala zegoenez independentziaren alde legeak aginduriko partaidetza minimoak zaindu eta gehiengo zabalagoak lortzeko helburuak zehaztu zituzten, ez da hau Kataluniako kasua. Baina barne eta kanpo blokeoen aurrean zein da herriaren nahia aurrera eramateko dagoen bidea? Desobedientzia. Ez dago besterik. Urriaren 1ean Kataluniak ez du berme demokratikoak betetzen dituen sezesio erreferendum bat izango, egia da Iñigo Urkullu lehendakariak esan duena, erreferendum saiakera horretatik ezin da estatu berri baten jaiotza espero. Baina horren errua ez da Kataluniako Gobernu eta Parlamentuarena, baizik eta Espainiako Gobernu eta Parlamentuarena. Horregatik, irtenbide bakarra dago egoera desblokeatzeko: desobeditzea, Espainiako Estatuarekin erreferendum adostu bat negoziatzeko. Espainiak beldurra sentitu behar du, bere adierazpen askatasunaren eta demokraziaren aurkako jarreren aurrean boto uholde bat jaso behar du beldurra senti dezan bere erraietan benetako erreferendum bat negoziatzeko. Katalana bazara, zilegi da independentziaren aurka egotea, baina erabakitze eskubidearen alde bazaude, jakin behar duzu honen alde, hau lortzeko, biderik eraginkorrena independentziaren alde bozkatzea dela. Orduan bakarrik, hautestontziak baietzaren alde beteak daudenean Espainiak negoziatuko du edo derrigortuko dute negoziatzera berme demokratiko guztiak zainduko dituen erreferendum bat.
news
argia-6334e861cd6b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/izaro-ieregi.html
Zeinuari gorputza ematen
Xabier Gantzarain
2017-10-01 00:00:00
Zeinuari gorputza ematen 30 urteren bueltan dabilen belaunaldikoa da Izaro Ieregi (Algorta, 1987ko urriaren 28a), arretaz jarraitu beharreko belaunaldia, inondik ere, arteak Euskal Herria erakusteko duen modutik zerbait ikasi nahi bada. Gure bizitza da. Arte Ederrak ikasia, Okela Sormen Lantegiko kide fundatzailea da. Gaztea izanagatik, lan ugari egin du orain arte, tartean 81 amama dokumentala, baina bere arte lana da hona ekartzeko arrazoia. Proiektuka egin ohi du lan, serieka, eta bere kezka estetikoa zeinuak keinu bihurtzea da, zeinuei gorputza ematea. Buenos Airesen egon da denboraldi batez, eta han egin zituen, aurrez Txinan bezala, Zero Gradua ariketak, Time For Love egitasmoaren baitan. Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren dokumentazio zentroan abiatzen da bere lana: han aurkitutako pegatinetan agertzen diren ekintzetan oinarrituta gidoiak sortu eta ariketak egiteko eskatu zien hainbat performerri. Ariketa horiek argazki eta bideoetan jasotzen ditu. Eta horrekin egiten du lan, eskultura bilaka daitezke, edo ez. Elkarrizketa egin zion Ainhoa Larrabek Berria rentzat Buenos Airesera abiatu aitzin. Hauxe zioen artistak bere lanari buruz: "Komunitate baten mekanismo ideologikoak bistaratzen saiatu naiz ariketa horien bidez, garai historikoak bizi dituen komunitate batena". Eta beste hau ere bai: "Proiektuak talde sozialen subjektibitatearen inguruan jarduten du. Irudien pertzepzioa zalantzan jartzeko nire testuinguru propiotik ateratzea garrantzitsua iruditu zait, errealitatea keinu gisa ikusteko; hau da, zero gradura itzultzeko". Garai historikoak. Gure bizitza zen. Urriaren 6an irekiko du erakusketa Basaurin, Arizko Dorretxean. Garazi Ansak idatzi dio testua, irakurtzekoa. Arretaz jarraitu beharreko belaunaldia.
news
argia-f1fa1ead98e8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/amazoniako-ashaninkak-kolonoei-oldartu-zaizkie-1742ko-guduak-gogoan.html
Amazoniako Ashaninkak kolonoei oldartu zaizkie, 1742ko guduak gogoan
Pello Zubiria Kamino
2017-10-01 00:00:00
Amazoniako Ashaninkak kolonoei oldartu zaizkie, 1742ko guduak gogoan Irail hasieran Biodiversidad en América Latina y el Caribe hedabideak titulatu zuen: "Ashaninka jendeak beren buruzagien kontrako heriotza mehatxuak salatu ditu". Amazoniako indigenek oihanak eraistera doazkien konpainia eta kolonoekin dauzkaten liskarretako beste bat gehiago litzateke… ez balitz XXI. mendean erresistentzian diharduten ashaninkak direla duela 270 urte inbasore espainiarrei aurre egin eta geldiarazi zituzten haien odolekoak. Albisteak aipatzen zuen Amazoniako eta oro har oihan tropikaletako herritar gehienek sufritzen dituzten erasoetako bat, legez kontra –inoiz inolako legerik izan baldin bada oihanean– zuhaitzak eraitsi eta eramatera sartutako konpainietako langileak ibili zirela berriz ere beren herrietan beldurra sartzen. Amazonia sakonean, milaka batzuk Brasilgo alderdian eta gainerakoak Perurenak diren lurretan, Ashaninka herria zenbat pertsonak osatzen duten ere ez dago garbi, 88.000 diote gaztelaniazko Wikipedian , 25.000-45.000 artean ingelesezkoan . Arawak taldekoa da beren hizkuntza eta sarritan indios campa deitu dituzte Perun bezala munduan. Amerikako jatorrizko herri honi espainolek ez diete lekurik egin beren historian, misiolari eta militar erasotzaileen artean zeuden euskaldunen ondorengook ere ez. Baina haien erresistentzia gabe ezin da ulertu ez Amazoniako kolonizazioaren atzerapena, ez beren buruak jende zuriengandik isolatu zituzten indioen jokabidea. 2017ko apirilean Ashaninken Autodefentsa Komiteko boluntarioek Meantari herrixkatik kanporatu zituzten egur konpainiek bertara bidalitako 50 gizon armatu. Ekintzaz dauden argazki bakanetan ageri dira oihaneko herritarrak makila, uztai eta geziz armatuak, nahiz eta banaka batzuek badaramatzaten antigoaleko fusilen batzuk. 2017an Asociación Señor de Productores Agroforestales y Ganaderos los Reubicados Nuevo Luren- Somaveni elkarteko egurzaleek lekuon jabe egiteko bigarren saioa zuten, eta bigarrenez egin behar izan zuten atzera 100 lagunez osatutako autodefentsa ashaninkaren aurrean. CARE Central Ashaninka del Rio Ene elkarteak biltzen ditu ibai horren bazterrean bizi diren 10.000 inguru jendeen informazioak. Zehazki Meantarin 160 lagun bizi dira 21 familiatakoak, tartean Ruth Buendia CAREko lehendakaria, 2014an Goldman nazioarteko nobel alternatiboa irabazia: "Kolonoak iritsi zirenean asko beldurtu ginen, gogora ekarri zizkigun Sendero Luminosoko terroristak etortzen zitzaizkiguneko garaiak. Min egin ez ziezaguten ihes egitea baizik ez zitzaigun bururatu". Patuak edo naturaren oparotasunak nahi izan zuten Sendero Luminoso gerrillak Peruko militarren erasotik ihesi gordelekuetako bat ashaninken basoetan aurkitzea 1980ko hamarkadan. Marxismo maoistaren irakurketa bitxia egiten zuen gerrillaren eta Limako gobernuaren arteko gerrak 60.000 hildako (erdiak gerrillarienak, beste erdiak kontra-intsurgentziak eragindakoak) ekarri bazituen, Amazonasko ashaninka jendeak larrutik pagatu zuen: milaka hil eta desagertu (zenbait iturriren arabera hamar biztanletik bat), familia osoak urte luzez gerrillarien esklabutzan, gazteak bortxaz gudari aritu beharra… Gobernuak gerrilla suntsituta etxera itzulitakoan ashaninka askok kolono berriak aurkitu zituzten beren betiko oihanetan kokaturik: milaka urtez bizileku izandako lur eta zuhaitz haiek berenak zirela nola demostratu? Egia esan, Sendero Luminosokoek ashanikekin egin zutena edo kolono egurzaleek polizia ustelekin elkar hartuta egin nahi dietena ez dira oso ezberdinak XVIII. mendean espainiarrek jasanarazten zizkietenetatik. Orduan lortu zuten libre atxikitzea bizirauteko adinako lurralde. Zerura igo zen Juan Santos Atahualpa Hego Amerikako indigenen antropologian erreferentzia den Stefano Varese perutarrak kontatua du ashaninken XVIII.eko historia La sal de los cerros (Mendietako gatza) liburu klasikoan. Vareseri egokitu zitzaion aukera beste antropologo batzuekin batera Juan Velasco Alvarado presidente militarraren gobernu aurrerazaleari laguntzeko Peruko aborigenen eskubideak lege bihurtzeko lehen ahaleginean. Varesek kontatua du XVIII. mendean Peruko Amazonian Juan Santos Atahualpa izeneko buruzagi inkak indigenekin baina batik bat ashaninka jendearekin kolono espainolen aurrean lortutako erresistentzia arrakastatsua, hein batean iradokitzen diguna bi mende eta erdi beranduago Mexikon Marcos komandanteak Chiapaseko maia jendearekin antolatutako gerrilla zapatistaren erresistentzia eredua. Juan Santos Atahualpa (1710-1756?)zen espainolek menderatutako aristokrazia inka familia bateko semea, gaztetan jesuitek apaizetarako hautatu eta Espainiaraino eramanda, seminarioan ondo hezia. Ameriketara itzulita, bi mende lehenago suntsitutako inken eremu geopolitikoan bizi ziren herriek  espainolen kontra zeuzkaten ezinegonak josi zituen. 1742rako kolonoak hasita zeuden lehen erasoak jasaten. Ashaninka jendearekin berehala lortu zuen konexioa Atahualpak. Etnia hark posizio berezia zeukan Amazonian Cerro de la Sal mendiko –gaur Peruko Oxapampa probintzian– gatzaren komertzioa zela eta. Garaiko lingua franca zen kitxua bazekiten askok. Eta, batez ere, bi mendetako esperientziak irakatsia zien atzerritar zuriek ez zekarkietela kalamitatea besterik: Europatik eramandako gaixotasunek suntsitu zituzten hango populazio osoak, misiolariek opari eta hitz gozoz bezala zigor latzez aldarazten zieten munduaren ikuskera eta apaizekin batera etortzen ziren militarrak jendeak hil, herri osoak lekualdatu eta kontzentrazio eremuetan pilatu eta, azkenik, haurrak bezala helduak jabe berrien zerbitzuko esklabo bihurtzera. Inbaditzaile espainiarren kronikek diote indioen matxinada lehertu zela Domingo Garcia izeneko frantziskotarrak haietako bat –ez zen lehenbizikoa izango– zigorrez egurtu zuenean. Handik laster hasi ziren indigenak ihes egiten fraideek kudeatutako herrietatik, misioei erasotzen, soldaduak bezala apaizak hil edo preso harrapatzen... Santos Atahualpak libre utzitako presoen bidez bidaltzen zizkien mezuak espainiarrei, treguak eskainiz. Inperioak, baina, ez zuen treguarik onartzen bereak zituen salbaiekin. Militar espainiarrek oihan beltz haietan mila soldadutaraino sartu zuten, ashaninkek aurre egingo zietelakoan. Alferrik. Hauek inbasoreei bidea libre uzten zieten gero ezustean atzetik erasotzeko, tropa gutxirekin lagatako misioak kixkaltzeko... Atahualpak bazekien espainolei ezin ziela irabazi, baina kolpe bat hemen eta kolpe bat hor, inbasoreei erakutsi zien ezingo zutela beren presentzia egonkortu bazter haietan. 1752rako ashaninken lurraldean ez zen ez misio eta ez herri espainiarrik geratzen. 120 urtetan ez zen gizon zuririk gehiago arriskatuko paraje haietan. 1756an galtzen da Juan Santos Atahualparen arrastoa . Haren heriotzaren dokumentu zehatzik ez da. Ashaninka zaharrek diote buruzagia ortzian barrena joan zela su batek eramanik.
news
argia-5e2dab345700
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/kanadako-lehen-beltz-euskaraduna.html
Kanadako lehen beltz euskaraduna
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-10-01 00:00:00
Kanadako lehen beltz euskaraduna Ipar Amerika, XVII. mendeko lehen urteak. Mathieu da Costa egungo Kanadako ekialdeko kostaldera iritsi zen lehen pertsona beltz librea izan zen, Kanadako Ondarearen Institutuaren arabera. Ez dakigu non eta noiz jaio eta hil zen Da Costa. Dakiguna da afrikar jatorrikoa zela, interpretea zela, eta Pierre Dugua de Bots eta Samuel de Champlain kolonizatzaile frantziarrentzat lanean aritu zela. Frantsesa, portugesa, nederlandera eta euskara –zehazki, algonkin-euskara pidgina– menderatzen omen zituen eta, jakina, zena zelako ama hizkuntza, horren berri inon jaso ez arren. Historialarien arabera afrikarrak XV. mendearen amaieran hasi ziren portugaldarrentzat interprete lanean, eta handik mende batera, europarrak Afrika geroz eta hegoalderago esploratu ahala, herbeheretarrentzat, frantsesentzat eta ingelesentzat. Beharbada, horregatik hitz egiten zuen Da Costak frantsesez, nederlanderaz eta portugesez. Baina ez dakigu nolatan menderatu zuen algonkin-euskara pidgina, San Laurendi ibaitik gorakoekin interprete lanak egiteko. Huraxe baitzen lurralde haietan europarren eta bertakoen arteko komunikazio-tresna nagusia. Euskal baleazaleak 1520ko hamarkada inguruan iritsi ziren Ternua eta Labrador inguruetara eta hango biztanleekiko harremanetan mikmakerako, innerako eta euskarazko hitzez osatutako pidgina sortu zen –gaskoierazko ukitu batzuk ere ba omen zituen–, gerora kolonizatzaile frantziarrek ere erabiliko zutena. Da Costak, beharbada, Europan ikasi zuen euskara edo, zuzenean, pidgina. Edo, agian, Amerika iparraldean bertan ikasiko zuen, jardunean zela. 1607ko otsailean edo martxoan Europan zen berriro interprete afrikarra, dokumentu batek jaso baitzuen Pierre Dugua de Monsen idazkaria haren bila joan zela Amsterdamera. Itxuraz, herbeheretarrek frantziarren zenbait itsasontzi atzeman eta Da Costa bahitu zuten. Hortik ondorioztatu dezakegu, ordurako Kanadako kosta atlantikoan lanean ibilia zela. 1608an Da Costak kontratu bat sinatu zuen Nicolas de Bauquemare normandiar merkatariarekin, hiru urtez "Kanadako, Akadiako eta beste edonorako bidaietan" itzultzaile lanak egiteko. Ez dakigu berriro ontziratu zen, baina kontratu osoa behintzat ez zuen bete. 1609ko abenduan Mathieu Da Costa Le Havren preso zegoen "lotsagabekeria ekintza" bat medio. Eta handik aurrera ez dago haren arrastorik.
news
argia-cbf7386c6b97
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/joli-pascualena-demode-quartet-eko-abeslaria.html
"Onespena lortzeko urteak behar dira, kontua ez da telebista saio batean agertu eta kito"
Reyes Ilintxeta
2017-10-01 00:00:00
"Onespena lortzeko urteak behar dira, kontua ez da telebista saio batean agertu eta kito" Trenari alde egiten ez uzteko esan zioten Operación Triunfo abeslari-artistak fabrikatzeko telebista saioan. Tren hura pasatzen utzi zuen ordea, abeslariaren bila baino produktu baten bila zebiltzala konturatu zelako. Joli Pascualenaren ustez arrakasta norberak nahi duena egitea da, eta oraingoz, lortzen ari da. Oholtzarako bokazioa betidanik izan duzu? Txikitatik oso musikazalea izan naiz. Uda oro lehengusina guztiak elkartu eta ikuskizun bat prestatzen genuen musika, dantza, antzerkia, iragarkiekin… oso ongi prestatua eta aurkezle eta guzti. Nik gitarra jo eta abesten nuen. Ordurako jada musika ikasten ari zinen? 12 urterekin gitarra jotzen eta abesten hasi nintzen eta 16 edo 17rekin nire lehen lanak konposatzen. Aita-amek anaia nagusia kontserbatoriora eraman zuten musika ikastera eta utzi egin zuen. Ondoren ahizpak gauza bera egin zuen eta niri txanda iritsi zitzaidanean ez ziren saiatu ere egin. Autodidakta hasi nintzen eta lagunekin talde bat sortu genuen gure gustuko kantak abesteko. Nola sortu zen Demode Quartet? Duela hamar bat urte hasi nintzen nire proiektu pertsonalena den honekin, Patxi Barcorekin batera. Jendea bilatzerakoan abeslari apartak eta euskaldunak nahi nituela argi nuen. Mikel Espinal, Mikel de la Fuente eta Iker Huitzirekin abiarazi genuen taldea. Uste genuen urte baten buruan kontzertuak ematen arituko ginela, baina ez zen horrela izan: urte eta erdi pasatu zen ahotsak ongi enpastatu arte eta beste urte bat ikuskizuna prestatzen. 2010ean estreinatu genuen Demode Quartet ikuskizuna eta izen bereko diskoa grabatu genuen. 2013an David Rosco sartu zen Mikel Espinalen partez eta EPA! diskoa egin genuen non azaltzen genuen nola, gure ustez, mundu osoko musika estiloek euskal musikan duten jatorria. Orain Musikal guztiak ia-ia ikuskizuna dugu. Gaiarre antzokian otsailean estreinatu genuen gaztelaniazko bertsioa eta maiatzean Donostiako Antzoki Zaharrean euskarazkoa. Hemen Iruñean, Baluarten, eginen dugu euskarazko lehena abenduaren 1ean, Euskararen Eguna dela eta, Udalak antolatuta. "Ni euskalduna naiz, euskaldun berri-berria eta argi nuen taldekide euskaldunak behar nituela, euskara eta euskal kultura ezagutzen dutenak" Bi bertsio zer dela eta? Aurreko ikuskizunean abesti guztiak euskaraz ziren eta esketxak hizkuntza batean edo bestean. Orain dena da euskaraz edo gaztelaniaz, baita kantak ere. Munduko musikal famatuenetako hogei kanta baino gehiago aukeratu eta euskaratu ditugu Aiora Zulaika Pirritx en laguntzarekin. Saltsa ederrean sartu gara! Erronka da lau pertsonekin musikal handiak egitea. Hori lortzeko proiekzioak erabiltzen ditugu, mozorroak, eta ahal dugun guztia. Izugarri dibertigarria da. Miserableak , Lehoi Erregea , Cats , Jesus Christ Superstar , Ozeko aztia , Cabaret … musikaletako kantak euskaraz lehen aldiz, profesionalki behintzat. Zer duzue orain esku artean? Ikuskizun honetako bi diskoak grabatu eta orain editatzen ari gara Durangoko Azokan aurkezteko asmoz. Honetaz gain urrian EPA! eta Musikal guztiak ia-ia Ezkaroze, Orkoien, Lodosa eta Mutiloan eginen ditugu, besteak beste, eta azaroan Fábrica de Arte Cubanora goaz, Habanara, gure lehen bi ikuskizunekin. Oso aukera polita da. Ez da batere erraza sartzea. Maila handia dago eta lehendik famatua bazen ere, Obamaren emaztea bisitan izan zenetik jende gehiagok ezagutu du mundu mailan. Hiruzpalau eszenatoki dago eta artista latinoamerikar askorentzat erreferente bihurtu da. Oso leku polita da. Orain arte Euskal Herrian, Madrilen, Errioxan… mugitu gara, baina estatutik kanpora joaten garen lehen aldia izanen da. Ezkerretik eskuinera Demode Quartet-eko lau kideak: Mikel de la Fuente, Joli Pascualena, Iker Huitzi eta David Rosco. Argazkia: Demode Quartet. Eta Joli bezala? Ikuskizun berria eta diskoak erabat abiatu ondoren nire proiektu pertsonalari heldu nahi diot berriz. Konposizio berriak sortu nahi ditut eta baten bat berreskuratu dut 2018rako bakarkako ikuskizun bat sortzeko asmoz. Zertaz abesteko gogoa duzu? Ez dakit zer aterako den. Ni neu aldatzen ari naiz eta konposizio berriak sortu gabe egon naizen hamar urteotan esperientzia ugari bizi izan dut. Seguruenik aldaketez, sentimenduez, emozioez… hitz egingo dut. Eta ziurrenik lan berri horietako batzuek azken urteotan lortu dudan ikuspuntu ironiko eta dibertigarria izango dute. Zer moduz moldatu zara kameren aurrean? Zineman bi pelikulatan parte hartu dut: Dragoi Ehiztaria eta Sabin . Oso paper txikiak ziren. Telebistan lan batzuk egin ditut, garrantzitsuenak Goazen eta Goenkale telesailetan, oso gustura aritu nintzen. Telesailekin askoz gehiago gozatu dut, paperak luzeagoak izan baitira. Haur kantarientzako telebista saioez: "5 urteko haurrak dio: 'Nire bizitza osoko ametsa da hemen egotea…'. Nola betiko ametsa, 5 urte besterik ez duzu eta! Oso artifiziala bihurtzen ari da artisten mundua" Operación Triunfo telebista saiora ere aurkeztu zinen. Bai, bigarren ediziora. Lehenengo edizioa ikusi nuen eta inbidia ematen zidaten kantu eskolek. Nik halako akademia batean egon nahi nuen interpretazioa, dantza eta ahotsa ikasteko irakasle onenekin. Kantaria nintzela ere frogatu nahi nuen. Azken faseraino iritsi nintzen. Oso gogorra iruditu zitzaidan nola telebistarako produktu gisa tratatzen gintuzten eta utzi egin nuen. Trena behin bakarrik pasatzen dela bizitzan esan zidan saioko arduradun batek, baina nik argi ikusi nuen. Baliteke tren hori behin pasatzea, baina badira tren gehiago leku berberera ailegatzeko, arrakasta izateko. Agian bidea luzeagoa eta gogorragoa izango da, baina zuk kontrolatuko duzu eta ez besteek. Gainera, arrakasta zer da? Niretzako gustatzen zaizuna egiten bizi ahal izatea da arrakasta. Baina orain ematen du, programa horiei esker, telebistan agertzea dela arrakasta izatea. Ez dut esan nahi telebistak ezaguna izaten eta ateak irekitzen laguntzen ez duenik, baina produktu bihurtzeko arriskua dago, ez baitute artista behar. Askotan galdetzen didate ea damutu naizen hartu nuen erabakiaz, eta ezetz esaten diet, batez ere momentu hartan abeslari bezala zer egin nahi nuen oso garbi ez nuelako, eta oso erraza izango zen produktu bihurtzea. O.T. kide asko dira programa horren ondoren oso gaizki pasatu zutenak. Jendearen onespena lortzeko urteak behar dira, kontua ez da telebista saio batean agertu eta kito. Ez da horren kontu azalekoa eta erraza. Artisten irudi faltsua zabaltzen al dute? Telebista beti produktu baten bila doa eta askotan askoz inportanteagoa da bizitza pertsonala, ibilbidea edo prestakuntza profesionala baino. Ez dute artista behar, ezta nortasuna duen norbait, bere bertsio edo konposizioak egingo dituena, arima jarriko duena. Kristoren ahotsa izatea eskatzen diete, estilo ezberdinetan abestu ahal izatea, dantzatu ahal izatea… nahiz eta ez izan bere estiloa. Gaur egun, kristoren ahotsak entzuten dira, baina arima izatea, kantuei zerbait ematea, ongi abestea bezain garrantzitsua da. Tamalez, zaila da zerbait originala aurkitzea. 80ko hamarkadakoak pila gustatzen zaizkit, norberak nahi duen bezala kantatzen eta dantzatzen duelako. Gaur egun janzkera, dena… berdintsua da. Eta zer esan haurren telebista saioei buruz. Ez zaizkit batere gustatzen. Helduak imitatzen dituzte, oso modu artifizialean. 5 urteko haurrak dio: "Nire bizitza osoko ametsa da hemen egotea…". Nola betiko ametsa, 5 urte besterik ez duzu eta! Oso artifiziala bihurtzen ari da artisten mundua. Egia da halako saioetatik ateratako batzuek jarraitzen dutela. Benetan balio dutenak izaten dira, eta gogor egiten dute lan. Argazkia: Dani Blanco. Ekonomikoki zaila da abeslari profesionala izatea? Guk oso urte gogorrak pasatu ditugu krisia dela eta, baina ezin gara kexatu gauzak nola dauden ikusita. Konpainia eta talde askok bizi ahal izateko beste ogibideren bat hartu behar izan dute eta guk, momentuz, honetan jarraitzen dugu. Krisiak eta BEZak min handia egin dute. BEZa jaitsi da, baina soilik sarrerak erosterakoan, guretzat berdin jarraitzen du kobratzen dugun katxetak BEZ berberarekin segitzen duelako. Oso argi izan behar duzu hori dela nahi duzuna eta hala ere askotan pentsatzen duzu hobe duzula oposizioak prestatzea eta dena pikutara bidaltzea. Bestalde, poz handia ematen dizu, eszenatokian bizitzen duzuna ez dizu beste ezerk ematen. Euskal Herrian zergatik dago hainbeste kantari on? Abesteko ohitura handia egon delako betidanik. Iparraldean gehiago, gaur egun bederen. Oso finak dira kantatzen, gainera. Harmonia oso bereziak eta oso doinu eztiak dituzte. Poza eta boza lotuta daude? Triste gaudenean ere izugarri abesti ederrak sortzen dira, baina egia da pozik gaudenean gure gorputza irekiago dagoela eta ahotsa libre ateratzen dela. Ahotsa zuzenean konektatua dago emozioekin eta gorputz osoarekin. Horregatik jarrerak oso garrantzitsuak dira. Gorputza irmo baino, erlaxatua eta malgu izan behar duzu abesterakoan. Gure kasuan batez ere gorputza zaintzea oso garrantzitsua da, ordu eta erdiko emanaldi bat egiteko eta bizirik irteteko. Emanaldi osoa a capella abesten dugu, dantza egiten eta esketxak interpretatzen segundo bakar bat ere gelditu barik. "Gaur egun, kristoren ahotsak entzuten dira, baina arima izatea, kantuei zerbait ematea, ongi abestea bezain garrantzitsua da. Tamalez, zaila da zerbait originala aurkitzea" Nola zaintzen duzue ahotsa? Abestu baino lehen ongi berotu behar da eta tarte zailenak ongi prestatu. Fisikoki ariketa egin behar da eta elikadura ere zaindu behar da. Kantatu aurretik gutxi jatea komeni da, gorputzak indar gehienak digestioan jartzen dituelako. Izotza ezta ikusi ere. Tabakorik ere ez. Emozioek ere izugarri eragiten dute. Gaixorik edo energia gutxirekin zaudenean teknikak hori dena disimulatzen du eta eztarrian min gutxiago hartzen laguntzen dizu.   Euskara eta euskal musikarekin konpromisoa duzu? Ni euskalduna naiz, euskaldun berri-berria eta argi nuen taldekide euskaldunak behar nituela, euskara eta euskal kultura ezagutzen dutenak. EPA! n egin duguna, adibidez, oso dibertigarria izan da. Euskal abesti ezagunetan gure harrikadak sartu ditugu. Loa-loa sehaska kanta Bolywood estiloan edo Behin batean Loiolan disko-music bihurtu ditugu, adibidez. Euskararen eta kulturaren aldeko ekitaldietan, hala nola gala, aurkezpen edo edozein sarao tan parte hartzeko prest gaude beti. Zuen arrakastaren gakoa zein da? Dotoreak eta umoretsuak izaten saiatzen gara, eta gure bertsioetan interpretazioaren originaltasuna bilatzen dugu. Lanean oso serioak gara eszenatokian gero dena dibertigarria izan dadin. Guk ongi pasatzen dugu oholtza gainean eta publikoa ere kutsatzen da. Oso garrantzitsua da emanaldira, tokira, egoerara egokitzea. Ez da gauza bera Donostiako Zinemaldiko galan abestea, Ahotsenean edo Nafarroa Oinezen.
news
argia-3612cee202a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/hats-berri-bat-txosna-gunearentzat.html
Hats berri bat txosna-gunearentzat
Kimetz Arana Butroe
2017-10-01 00:00:00
Hats berri bat txosna-gunearentzat Hona laburrean, jaietako txosnen historia: "Esparru alternatiboa zena asimilatu eta bertan gatibaturik, kudeatzaile bihurtu gara". Elkarte eta mugimenduei lotuta, esparru alternatiboa izateko sortu ziren bere garaian jaietan txosnak. Taldeen urteko jardunak finantzatzeko, jendea bildu eta festetan ideia desberdinen arnasa-gune izateko. Denboraren ondorioz ordea, ilusio faltagatik edo betikoaren errepikapenean galduta, txosna eredua berritzearen beharra nabarmendu da gure inguruan.      Badira ia hamar urte Euskal Herriko gazte mugimenduaren deialdi bateko karpa handi batean Nafarroa Behereko lagun laborari zenbaitekin multinazionalen edarien salmentaz mintzo ginela. Ezin ulertuz ikusten baitzuten kasik aldarrikapen heineko edari marka zapaltzaileen presentzia normalizatua. "Kausa on batentzat dirua irabazteko denak balio al du?" galdera pausatzen ziguten ohiko arrazoi ekonomiko edo enpresa haien prezioen bonifikazio argudioen aurrean.     Hortik hona, aurtengo gure herriko jaietan urrats eraginkorra eman dute gazteek, ia bere osotasunean multinazionalik gabeko janari-edari eskaintza antolatuz gaztetxeko txosnan. Baratzezainok gauetako ogitartekoak egiteko barazkien horniketan zein auzolanean lagundu dugu bertan. "Kausa on batentzat dirua irabazteko denak balio al du?" galdera pausatzen ziguten ohiko arrazoi ekonomiko edo enpresa haien prezioen bonifikazio argudioen aurrean Jende asko elkartu du txosnak, adin eta mota guztietakoak eta zerbait aldatzen ari ginen ilusioz atxikimendua lortu du. Arratsaldero aritu gara auzolanean, gauetan elikagaiak prestatzen. Jende desberdinak, nagusi zein gazteak, haur eta helduak, gaztetxearen lagunak, nekazarien lagunak, kultur, auzo elkarte edo mendiko auzotarrak. Eskaini dugu zerbait on, osasuntsu eta zaporetsua eta izan du arrakasta. Bere bizian zer egin ez dakiena bokazio gabeko funtzionario bihurtzen den garaian, oinarrizko ofizioei balore soziala eman die ekimenak, gure auto-estima indartu eta bizitzeko beste bideak proposatu. Posible dela herrian lana sortzea ekoizleak, merkatari txikiak, langile eta mugimendu herritarrak elkartzen bagara. Hats berri bat txosna-gunearentzat praktikatik justizia aldarrikapenei lotua, elkarlanean zabaldu, kontzientziak piztu eta esparru osoa herri alternatiba bihur lezakeena. Azkenean gure eskualdean, multinazional handien atzaparretatik kanpo etorkizuna izatea, gure herriaren maitasuna haurrei transmititzea, hizkuntza galdu den tokitan berreskuratzea eta guztioi eskaintzea da nahi duguna, gainontzekoa gero iritsiko den ustean. Distantziatik esango nuke hainbat ilusio piztu duen Kataluniakoaren oinarrian badela halako zerbait. Beraz herria eraiki dezagun txikitik hasita baina ekinez, hitzetatik ekintzetara!
news
argia-36805962a00e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-10-01 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. Hur zuhaitz bat dugu eta urtero ale mordoa izaten ditu, baina heldu ahala guztiak erortzen dira zulo txiki batekin, "hutsik", ustelduta... Zer izan daiteke? Sagarrondo eta aranen alboan dago. Ana Zarandona (Etxebarria) Kaixo Ana. Hurraren gurgurioa da, Curculio nucum . Hurraren arazo handiena da. Intsektu txikia da. Negua har forman igarotzen du lurpean, udaberrian heldu bezala atera eta hur txikiak eta hosto eta kimu berriak jaten ditu. Maiatza eta iraila artean helduak ibiliko dira, arrautza berriak hur samurretan sartuko dituzte, bakoitzean bana. Haietan harra sortuko da eta hurra barrutik jango dute. Gero zulo bat egin eta aterako dira lurpera joateko, negua pasatzera. Lurpean hiru urte egon daitezke. Toki hezeak eta freskoak maite dituzte. Ez da erraza borroka. Tratamenduak intsektua arrautzak jartzen dabilenean egin beharko lirateke, ekologikoa: "Neem" olioa + xaboia. Garai batean goizean goiz edo ilunabarrean, bero handienak joandakoan hur adarrak maindire zuri bat azpian jarrita astinzen ziren, gurgurioak bildu eta hiltzeko. Adar artean laranjak erditik ebakita jarri eta bertan luze aritzen omen dira zurrupatzen, biltzeko aukera emanez...
news
argia-363cf020692a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/oroitour.html
Bertsio ofiziala kalean borrokatzen da
Urko Apaolaza Avila
2017-09-20 00:00:00
Bertsio ofiziala kalean borrokatzen da Gasteizko tour politikoak elkarri lotuta dauden garai eta agertokiak ditu ardatz, nola Lauaxeta-ren fusilatzea edo 1976ko langile sarraskia. Herri-tresnatzat dute ibilbidea Martxoak 3 elkartekoek, Frankismoaren krimenak desitxuratzeko "estatu estrategiaren" aurrean. Urriaren 7ko ARGIA Egunean ezagutu ahal izango dituzu kaleari konkistaturiko memoriaren espazioak. "Bertsio ofiziala etengabe borrokatu behar den munstroa da", dio Lander Garcia gasteiztarrak, Martxoak 3 elkartean egiten ari diren lanaren berri ematen duen bitartean. Eta horretarako tresna guztiak dira beharrezkoak. OroiTourrekin kalea aukeratu dute. Ibilbide honen bidez ezagutarazten dituzte azken mende eta erdian Gasteizen izandako hainbat gertaera, hiriaren izaera definitzeko mugarri izan direnak. Asmoa duela hamar bat urte sortu zen, Martxoak 3ko hainbat kide Ipar Irlandara lehenengo bidaiak egiten hasi zirenean. Hango hirietan tour politikoak antolatzea ohikoa da –euskaraz ere egin izan dira–, Belfasten eta Derryn adibidez. Berehala antzeman zuten Derryko 1972ko Bloody Sunday ko gertaeren eta Gasteizko 1976ko sarraskiaren arteko antzekotasuna: "Gogoratzen dut –dio Garciak– Free Derry museoan izan ginenean hango lagunei hori esan geniela, eta haiek erantzun ziguten ez ginela lehenengo gasteiztarrak halako zerbait sentitzen zutena". 2011n bi hiriak senidetu egin ziren eta geroztik Derryko biktimen familiar eta lagunek urtero bidaiatu izan dute Euskal Herrira. Gasteizko lehen ibilaldi "pilotua" 2008an antolatu zuten, Hala Bedi irratiak 25 urte eta Gaztetxeak 20 egiten zituztela-eta. Tour politikoekin, berriz 2010ean hasi ziren eta jadanik 200 pertsona baino gehiagok hartu du parte eta ikasleentzako unitate didaktiko bat ere sortu dute, besteak beste. Zaramaga auzo langilea epizentroan Tourraren zati handiena Zaramagan izaten da, duela 41 urte poliziak eraso zuen tokietan barrena. Auzoa frankismo garaian jaso zen eta beste toki batzuetatik etorritako langileen bizitoki bihurtu zen laster: "Gasteizek denbora gutxian bere biztanleria hirukoiztu zuen, langile asko etorri zen, eta horrela uler litezke urte horietako grebak eta atzean zegoen mugimendu asanblearioa". Baina bisitak ez dira mugatzen horretara, helburua baita jendeari ulertaraztea zergatik eta nola sortu ziren 70eko hamarkadako gatazka sozial eta politiko horiek. Eta horretarako, ezinbestean Frankismoaren errepresioaz hitz egin behar. Hortik ez oso urrun Santa Isabel hilerria dago, faxistek ia 200 lagun fusilatu zituzten hango hormen kontra, tartean Estepan Urkiaga Lauaxeta olerkaria 1937ko ekainaren 25ean. Hilerria XIX. mende hasierakoa da –100.000 lagun daude lurperatuta– eta horrek aukera ematen du foruez, Bigarren Errepublikaz edo hiriko familia liberal eta karlisten paper politikoaz ere hitz egiteko: "Ezin dugu egungo betaurrekoekin begiratu, baina jakin beharra dago", dio Martxoak 3ko kideak; Historia ezagutu, oraina ulertzeko da euren leloa, hain zuzen.     Etengabe eraldatzen ari den tourra Urteotan guztiotan ibilbidea eraldatuz joan dira, "espazio publikoa memoriarentzat konkistatu dugun heinean". Hala, elkartearen eta herritarren ekimenez 1976an bost langile hil zituzten tokiak "jantzi" dituzte: mural erraldoia, monolitoa, memoriala... Hurrengo urteetan auzoan poliziak hildako beste hainbat biktimaren omenezko plaka ofizialak jartzea ere lortu dute. Martxoaren 3ko sarraskiak hiri osoa "markatu" zuen Garciaren esanetan eta belaunaldi berriek badituzte horren inguruko erreferentziak. Azken urteetan borroka sozialen katalizatzaile bilakatu da egun hori, baina gasteiztarrak gogorarazi du ez dela beti horrela izan, eta "duela ez hainbeste" elkarteko kideek Auzitegi Nazionalean amaitu zutela Ertzaintzaren atestatu baten ondorioz. Horregatik jarraitzen dute kalean oroimena elikatzen, garbi izan dezagun duela lau hamarkadako greba handien atzean bazegoela Gasteizen elkartasunean, justizia sozialean eta horizontaltasunean sinesten zuen jende bat: "Hori guztia transmititu egin da eta oraingo herri mugimenduetan ikusten ari gara".     ARGIA EGUNA'17 Oroimenaren eta Euskararen zutabeak   Urriaren 7an laugarrenez ospatuko dugu ARGIAEguna, oraingoan Gasteizen, herri mugimenduen eta euskaltzaleen taupadaz bizi-bizi dagoen hiria. Goizeko egitarauan zita garrantzitsu bat izango duzu: hiri borrokalari eta euskalduna ezagutzeko ibilbide gidatuak. Bi zutabe antolatu ditugu, biak Gaztetxe ondoko Etxauri plazatik irtengo dira (euria egingo balu Landatxotik). Lehenak 10:30ean egingo du Zaramaga alderantz eta Martxoak 3 elkartearen OroiTour ibilaldia izango du ardatz. 1976ko sarraskiaren agertokiak ezagutuko ditugu elkarteko kideen eta audiogiden laguntzarekin. Bigarrena, Gasteiz Euskaldunaren ibilbidea , GEU elkartearen eskutik dator eta 11:00etan irtengo da. Alde Zaharrean barrena, euskarak hirian duen garrantziaz jabetuko gara bereziki ARGIA Egunerako bilduko diren hainbat lagunen testigantzekin. Ibilbideetan parte hartzeko komeni da aurrez izena ematea:     E-postaz: [email protected] helbidera idatzita.     Telefonoz: 943 37 15 45 zenbakira deituta.
news
argia-01a161717516
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/estibaliz-alkorta-2018ko-euskarak-365-egun-ekimenaz.html
"Egitasmo honek gizartean ez ezik erakunde publiko guztietan izango du isla"
Onintza Irureta Azkune
2017-10-01 00:00:00
"Egitasmo honek gizartean ez ezik erakunde publiko guztietan izango du isla" Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak hitzarmena sinatu dute. 2018an, Euskararen Egunaren bueltan, egitasmo bat egin nahi dute Euskal Herriko ahalik eta herri gehienetan. Egitasmoaren izenak zehazten du helburua: Euskarak 365 egun: hizkuntza ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria. Estibaliz Alkorta HPSko Euskara Sustatzeko zuzendariari eskatu diogu egitasmoa azaltzeko. Zergatik prestatu duzue halako egitasmoa? Hainbat udalerritan gizarte aktibazioan oinarritutako ekintzak bideratzen ari dira: Lasarte-Orian, Agurainen, Arrigorriagan, Donostiako Egia auzoan… Uste genuen momentu egokia zela ekimen horiei guztiei proiekzio nazionala emateko, eta aldi berean, babes soziala eta ekonomikoa emateko. Aipatu dituzunak ekimen egokiak iruditu zaizkizue. Ezaugarri berritzaile bat daukate, euskararen aldekotasunetik harago doa, urrats praktiko batera doa, erabileran zuzenean eragiten du. Gizartea aktibatzen du, pertsonak eta erakundeak, helburu horretara begira. Zein dira helburuak? Helburu nagusia euskara gehiago erabiltzea da. Beste helburu bat da pertsonak eta erakundeak dinamika berri batera bultzatzea, gonbidatzea. Bestalde, erabilera areagotzeaz gain, lankidetza berezi batean oinarritutako egitasmoa izatea nahi dugu. Hau da, erabileran eragin nahi badugu, ezinbestean lankidetza sendoa eraiki behar dugu eta lankidetza esaten dudanean hiru planotan ari naiz, batez ere: toki erakundeen eta nazio mailako erakundeen arteko elkarlana; gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko elkarlana; eta euskalgintzaren eta bestelako esparruetan dabiltzan eragileen arteko elkarlana. Beraz, proposatzen dugun egitasmoa berritzailea da, baina baita lana egiteko modua ere. Helburua euskara erabiltzea da, baina baita lankidetzari lotutako lan ildoa eraikitzea ere. "Egitasmoan helburua euskara erabiltzea da, baina baita lankidetzari lotutako lan ildoa eraikitzea ere" Euskararen aldeko jarreratik euskara erabiltzera eman nahi duzue urratsa. Zehaztu ezazu pixka bat. Euskara erabiltzea esaten dugunean bi modu ditugu gogoan: batetik, hitz eginez, eta bestetik, hitz egiteko gaitasunik ez duenak dakiena berari euskaraz egitera gonbidatuta. Euskarazko komunikazioa bermatu nahi dugu, baina horrek ez du esan nahi elkarrizketa beti elebakarra izango denik, elkarrizketak elebidunak ere izan daitezke, ulermena bermatuta dagoen heinean. Ulermen aldetik, ezagutza aldetik, gaitasun handia dago, beraz, momentu egokia da horrelako egitasmo berritzailea martxan jartzeko. Maiatzeko Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketetan euskalgintzako eta erakundeetako eragileei egitasmoa aurkeztu zenieten. Ekarpenak eta sentsazioak jaso zenituzten . Zer azpimarratuko zenuke? Emaitzak oso positiboak izan ziren, gure harridurarako. Balorazioa uste baino positiboagoa izan zen. Normalean Jaurlaritzak edo HPSk programa handi bat aurkezten dugunean beti egoten da eszeptizismoa, "betikoa, ez da ezer berria", diote. Oraingoan ez nuen horrelakorik sumatu. Ikusten da itxaropena dagoela, gogoa dagoela, oso positiboa izan zen HPS eta Topagunea batera agertu izana Udaltopen. Udalak 2018ko aurrekontuak prestatzen ari dira eta denek nahi dute egitasmo horretan parte hartu. Alabaina, egia da Udaltopen kezkak ere azaldu zituztela. Batez ere, beldurra edo beldurrarekin lotutako pertzepzio asko zeuden: "Bai, hau oso ondo dago, hau da bidea, baina nola egingo dugu?". Egitasmoa HPSren eta Topagunearen artean zergatik antolatu duzuen galdetu zuten askok. Ez ginen propio haiengana joan eta haiek ere ez ziren zuzenean etorri. Topagunea gizarte aktibazioan oinarritutako ekintzak bideratzen ari zen Euskarak 365 egun ekimenaren bidez. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzan ikusten genuen, batez ere Lasarte-Oriako esperientziatik abiatuta, horrelako esperientziek eragin zuzena zutela euskararen erabileran. Topaguneak euskararen elkarte gehienak ordezkatzen ditu, pentsatu genuen solaskide naturala zela eta elkarlanean abiatu gintezkeela. Helburu berdinak partekatzen ditugu eta aldi berean elkarren beharra dugu. Topaguneak sustapen eta lankidetza prozesu bat ireki zezakeen gizarte eragileen artean, eta aldi berean, guk instituzio bezala, erakunde publikoen artean egitasmo honen sustapen eta antolatze lanak egin genitzakeen. Bestelako ekimenak antolatzeko ere elkarlanera joko duzue? Udaltopen esan genuen hau egitasmo jakin bat dela, baina etorkizuneko egitasmoei begira badela arnas luzeko lan ildoa ere. Topagunearentzat eta HPSrentzat, bientzat, horrelako lankidetza berritzailea da. Konfiantza giro bat eraiki behar da eta ez du zertan bukatu erronka honekin. Eta ez du zertan Topagunea eta HPS izan, lehen esan bezala egitasmoak instituzio publikoak eta elkarteak lankidetzan jarriko ditu. Guk markoa emango dugu, babes orokorra, lantalde bat jarriko dugu martxan, komunikazio estrategia ere garatuko dugu, baina handik aurrera herri bakoitzak osatuko du koordinazio mahaia, eta egitasmoa bere egin behar du. Herrietan nola gauzatuko da? Gure proposamena bideratzaile nagusiak herriak izatea da. Hori gauzatu ahal izateko koordinazioa egon beharko du udaleko euskara zerbitzu eta bertako euskara elkarteen artean. Badakigu zenbait herritan hori ez dela posible izango eta ahaleginak egingo ditugu horrela izan dadin. Argazkia: Dani Blanco. Malgutasuna egongo da? Gutxieneko baldintzak aurkeztu ditugu. Proposamena da 16 urtetik gorakoak izatea parte-hartzaileak, herritarrek kontziente izan behar dutelako euskara erabili (edo erabiltzeko aukera eman) behar dutela 11 egunetan. Dena den, 16 urtetik beherakoek ekimenean parte hartzeko bideak irekiko ditugu. Umeak haien gurasoen bideratzaileak izan daitezke. Haurrak gonbidatuko ditugu baina ez modu aktiboan. Bigarren baldintza Euskal Herrian bizi edo lan egitea da. Hortik aurrera gutxieneko ulermen maila eduki beharko du erronkan parte hartuko duenak. Udaltopen galdetu zuten ea zer gertatuko den euskara ulertzen ez dutenekin. Helburua ez dugu ahaztu behar: euskarazko komunikazioa egotea. Ulertzen ez dutenei tresnak eskainiko dizkiegu gutxieneko ulermen maila izan dezaten eta "belarriprest" rolean [partaide horrek ez du euskaraz hitz egiten baina ulertu bai, eta parekoa gonbidatzen du berari euskaraz egitera] parte hartu dezaten. Udazken honetan zer pauso emango dituzue? Urriaren 7an mintegi bat antolatuko dugu euskara teknikariei eta elkarteei zuzendutakoa. Batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak aurreratu ditugun lanen berri emango dugu, eta bestetik, udalen eta elkarteen kezkak eta asmoak argitu nahiko genituzke. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, aurkezpen soziala egitea nahiko genuke, komunikazio estrategia behintzat landuta izango dugu ordurako. Herriz herri antolatuko diren ekitaldietan 2018ko erronkaren berri ematea nahiko genuke, egitasmoaren filosofiaren berri ematea. Udazkenaz gain, 2018ko urtarriletik azarora bitarte sustatze lana egingo dugu. Egitasmoa antolatzeko denbora behar genuela pentsatzen genuen, baina era berean hilabete horietan guztietan tentsio puntua mantendu behar da. "2019an erakunde publikoak gonbidatuko ditugu haien erakundeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak hartzera" 2018ko abenduaren 3a eta gero zer? Erronka 11 egun horietan bisualizatuko da, baina egitasmoak bi zati ditu, jarraipena izatea nahi baitugu. Erakunde pribatu eta publikoek, 2018an, bertako langileak gonbidatuko dituzte erronkan parte hartzera, baina 2019an, erronkan parte hartutako erakunde guztiak gonbidatuko ditugu haien erakundeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko neurriak har ditzaten. Euskalgintzako eragile batzuk beldur dira orain ere euskalduntzea herritarren ardura izango ote den. Erakunde publikoek ere erronka handia daukagu erakundeei begira. HPS ez da bakarrik Jaurlaritza, hor dira osasun zerbitzuak, ikastetxeak, Emakunde, Ertzaintza... Egitasmo honek ez du isla izango gizartean bakarrik baizik eta erakunde publiko guztietan eta erakundeok ematen dituzten zerbitzu guztietan. Herritarrei babesa eskainiko zaie HPS eta Topagunearen eskutik, baliabide ekonomikoen bidez eta giza baliabideen bidez. Konpromisoa berriz, biena izango da, herritarrena eta erakunde publikoena. Erakunde publikoek babesa eskaintzeaz gain eredu izan nahi al dute? Bai, horixe. Euskal Herri osoan egingo al da egitasmoa? Hitzarmena Topagunearen eta Jaurlaritzaren artean egin da lurralde guztietan sustapen lanak egiteko, diputazioek ere jasoko dute diru partida bat, eta udalek ere bai. Nafarroako Gobernua, Euskarabidearen bidez, komunikazio estrategian sartu da. Hasieratik erakutsi zigun ez sustatzaile moduan soilik baizik eta antolatzaile moduan ere parte hartzeko gogoa. Beraz, antolatzaile moduan izango da. Iparraldekoekin (Euskal Elkargoarekin) formalki oraindik ez gara egon, baina badakigu interes handia dutela, lurralde osoan ez bada ere hainbat lekutan egiteko.
news
argia-af23971bf1c7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/lortzear-zaude-katalunia.html
Lortzear zaude, Katalunia
Martin Aranburu
2017-10-01 00:00:00
Lortzear zaude, Katalunia Urriaren 1ean, Kataluniak autodeterminazio erreferenduma egingo du. Bertan bizi garenok, martxoaren 30eko errolda erabilita, honako galderari erantzungo diogu: "Katalunia errepublika formako Estatua izan dadila nahi duzu?". Ugari izango dira pozak, beldurrak, analisiak eta aurreikuspenak biharamunean. Aldekoek, pozik, prozesu konstituziogilea abiaraziko dute eta hilabete gutxiren buruan hauteskunde konstituziogileak egingo. Kontrakoek, emaitza ezin sinetsita, Madrilera begiratuko dute erantzunen zain, egoera berriak larrituta. Zenbatetan erabili ditugu historian, indibidualki edo kolektiboki, zapalduei aplikatu zaizkien legediak, eurak gainditzeko?  Baina, baiezkoak irabaziko al du? Egunez egun, geroz eta argiago ikusten dut erantzuna. Terrassako argazki bat dakusat hau idazten dudan bitartean. Bertan, Guardia Zibila bertako inprimategi bat miatzen ari da, bozkatzeko erabiliak izango diren paperen bila, bitartean, hainbat pertsonek loreak jartzen dituzte guardia zibilen autoetan. Argazki hori egun hauetako errealitatearen isla da: Estatua, hitzaren espresioa isilarazteko ahaleginean. Ahalegin horrek zalantzakor ziren boto-emaile ugari bozkatzera bultzatuko ditu. Datuak begiratu baino ez dago. JxSi, CUP eta Catalunya Sí que Es Pot-eko boto-emaileek erroldaren %57 egiten dute eta horien artean "bai"-ak garbi irabaziko du. Erreferendumaren ilegaltasunaz asko ari dira Madrildik. Eta egia da, ezin baita defendatu suspenditutako lege batetik ondorioztatzen diren arauak legalak direnik. Baina, zeinek behar du legalitatean debatea zentratu? Zenbatetan erabili ditugu historian, indibidualki edo kolektiboki, zapalduei aplikatu zaizkien legalitateak, eurak gainditzeko? Mila bider. Beraz, legala ez, bai ordea zilegi. Urriaren 1etik aurrera Parlament eta Generalitateak prozesu konstituziogilea abiaraziko dute batetik, eta bestetik, litekeena da nazioartean Espainiako Gobernuarekiko presioren bat aktibatzea. Parte-hartzea handia izanik eta baietzaren irabazia garbia, ezin da baztertu europar iritzi publikoan erreferendumaren aldeko bozak agertzea, edo behinik behin, Espainiako Gobernuari konponketa negoziatuaren aldeko presioa egitea. Bestalde, negoziaketaren aldeko diskurtsoa Espainiako oposizioan ere zabalduko da, eta horrek Mariano Rajoy bakardade politikoan kokatu dezake. Momentu horretan, batetik, erreforma konstituzionalaren debatea berrasiko da Espainian, eta bestetik, Kataluniako prozesu konstituziogilea motelduko da Kataluniako batasun politikoa hautsiz. Une horretara iritsita, prozesu konstituziogilea martxan egonda, erreforma konstituzionalaren defendatzaileek prozesuari eutsi edo, Madrildik botatako bozei men egingo ote dieten da gakoa. Ezin ukatu hemengo egoerak sortzen didan inbidia, Katalunia Errepublika independentea izango baita. Ez orain agian. Baina orain arte egindako prozesuak hazi sakonak utzi ditu hemen: atzera-bueltarik ez duen kontzientzia aldaketa kolektiboa eman da jendartean. Zorionak Katalunia. Lortzear zaude.
news
argia-f7206881f001
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/erromatarren-urpeko-teknologia.html
Erromatarren urpeko teknologia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-10-01 00:00:00
Erromatarren urpeko teknologia Urpekari profesionalen lehen taldea erromatarrek sortu zuten, urinatores delakoek osatua. Armadako zerbitzu berezi horren zeregina, gerra garaian, etsaien ontziei sabotajea egitea zen (aingurak eta txikotak askatzea, urpean oztopoak jartzea...). Bake garaian, berriz, ontzi-hondarrak eta bestelako ondasunak berreskuratzeaz arduratzen ziren. Eta apnea lehiaketak ere egiten omen zituzten. Urpean ahalik eta ondoen ikustea funtsezkoa zen, eta, betaurrekorik ezean, asmakizun bitxia erabiltzen zuten: ahoan olioz bustitako belakia eramaten zuten. Tarteka belakiari kosk egiten zioten, olioa aska zezan eta, hala, ikuspena hobetuko zuen pantaila bat eratu zedin, olioaren errefrakzio indizea eta giza begiarena oso antzekoak baitira.
news
argia-4efc9b6e9f10
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/askatasun-haizea.html
Askatasun haizea
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-10-01 00:00:00
Askatasun haizea Glaukomak beste urrats bat egin du aurrera Kalima hirugarren lan luzearekin. Disko bikoitza da, lan bikaina, Karlos Osinagaren gidaritzapean eta Joseba Ponceren diseinuarekin ederki osatua. Betiko Glaukoma dela antzeman daiteke kantuetan, baina helduagoa, zuzenagoa, gordinagoa, gogorragoa. Reggae eta rap erritmoak eta doinuak dira nagusi, dancehall eta raggamuffin aireak ere ageri dira, beren kantuetan ohi den bezala, eta rock ukituak ere antzeman daitezke, aurreko lanetan baino nabarmenago. Haien bidez, bidegabekeriak eta jendartearen gaixotasunak dituzte hizpide, boterea, faxismoa, kapitalismoa, ustelkeria, zapalkuntza, arrazakeria, errefuxiatuen tragedia, gerrak, historiaren manipulazioa, generoaren eraikuntza soziala, ongizate espejismoak, lan eta bizimodu eskasa, maitasun faltsua, indibidualismoa, itxurakeria... Eta begirunea, berdintasuna, adierazpen askatasuna, memoria historikoa, nor den bezala izatea eta bere burua onartzea, eta nork bere buruarekin pentsatzea eta erabakitzea aldarrikatzen dute. Besteak beste, hauxe diote: "Migranteen hilobi Mare Nostrum, bitarten magnate baten yatea Pasaiako portun; Siriako esklabuk ez al du zuk daukezun jabe bea?" ( Fire –they're commin –), "Kale bazterretan miseria Historia jaten ai da; itsu-mutu-gor-en garaia, galdera gabeko mende baten kronika" ( Kalima ), "Eztao generoik genitaletan, egitura mentala da; nortasunen banaketan, zu woman eta ni man, bakoitza bere ziegan; kapitalai halaxe komeni zaio, dominazio sistema bereizketan jaio da" ( Gure kaiola ), "Artalde honen parte izan baino lehen izango naiz nere Jaungoikoa" ( Intro ). Kalima -k hesiak eta mugak gainditzen ditu. Protesta, salaketa eta aldarrikapen oihuak biltzen dituen lanbroa da, beroa, eta askatasun haizeak mugitzen du. Bonberenea gainezka zegoela aurkeztu dute irailean, eta hurrengo emanaldietara ere lagun ugari bilduko da: Arrasateko gaztetxean urriaren 5ean, Bilboko Stage Live aretoan urriaren 7an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan urriaren 28an, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean azaroaren 4an, Bartzelonako Apolo aretoan azaroaren 18an eta Ondarroako Beikozini aretoan azaroaren 25an.
news
argia-49104d8bdec9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/zahar-etxeetako-asistentzia-kalitatea.html
Zahar etxeetako asistentzia-kalitatea
Juan Mari Arregi
2017-10-01 00:00:00
Zahar etxeetako asistentzia-kalitatea Herritar gehienek ezagutzen dute, zuzenean eta zeharka, jende askoren bizitzaren amaiera tokiak diren zahar etxe publiko eta erdi-publikoetako egoera. Zuzenean ezagutzen dituztenek, salbuespen batzuk kenduta, ondo dakite zein muga eta gabezia dituzten eta asistentzia-kalitate eskasaren lekuko dira. Zalantzarik gabe, egoera horren arrazoietako bat da pertsonal falta, baita soldatetan eta politika sozialetan dagoen zekenkeria ere. Bizkaiko zahar etxeetako emakume langileen 300 egunetik gorako greba luzeak eta etenik gabeko mobilizazioek –aurreko astean Eusko Legebiltzar parean ere izan ziren–, denen bistan jarri digute ezkutatu ezin den errealitate hori. Bizkaiko Foru Aldundiak duen erantzukizuna ere azalerazi dute, grebalariekin negoziatzeari uko egin baitio. 5.000 lagun inguruko lantaldea dago Bizkaian 7.500 pertsona zaintzeko; prekarietatea, lanegun nekagarriak, soldata oso baxuak eta langile eskasia salatu dituzte. 1.200 euroko soldata, 35 orduko lan astea eta lantaldea handitzea eskatzen dute. Eta ziurtatu dute greban segitzeko asmotan dabiltzala helburu horiek lortzeko. Berrikitan akordioa lortu dute zahar etxeetako enpresa nagusiarekin . Baliteke adinekoen senide batzuk grebarekin gogaituta egotea. Baina orokorrean badirudi gehiengoak greba errespetatu ez ezik babestu ere egiten duela, azken batean aldarrikapen horiekin euren familia-kideen ongizatea ere defendatzen ari baitira, eta etorkizun batean zahar etxean amaituko duen beste jende askoren ongizatea ere bai. Ezeren gainetik, gure zaharrei eskaintzen diegun arreta eta asistentzia-kalitatea dago. Politikariek jakin beharko lukete hori, eta neurriak hartu beharko lituzkete baliabideak jartzeko. Greba luze hau ondo amaitu dadila da neurri horietako bat.
news
argia-2bf93f467c7f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/gilles-clement-erresistentzia-baratzetik.html
"Bizidunek gauean asmaturikoa ulertu behar dugu egunero baratzezainok"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-10-01 00:00:00
"Bizidunek gauean asmaturikoa ulertu behar dugu egunero baratzezainok" Baratzeari begiratzeko molde berri bat plazaratzen hasi zen Gilles Clement duela 25 urte. 1991n argitaraturiko Le jardin en mouvement (Baratzea mugimenduan) liburuarekin bazterrak inarrosi bazituen ere, laster arrazoia eman zion denborak. Orduz gero, erresistentziarako teoriak eta teknikak plazaratzen dihardu, baratzeko lana sekula bazterrera utzi gabe. Baratzea egitea oraindik ere politika egitea delako. Hainbat baratze ospetsuren sortzaile zara. Crozant herrixkako baratzezain txikia nola bilakatu zen handi? Espazio publikoan agertzen hasi nintzenean hasi nintzen ezagutua izaten. Parisko André Citroen parkea izan zen nire lehen baratze handia, beste paisajista batekin eta bi arkitektorekin batera sortutakoa. Horrekin teorizatu "baratzea mugimenduan" nozioak oihartzun handia ukan zuen. Liburuak idazten hasi nintzen, justuki Le jardin en mouvement (Baratzea mugimenduan) izan zen lehena. Lanbideari buruzko begirada aldaketa eragin zuen liburuak. Agian horrek zidan ekarri ospe deitzen duzun hori... Ez dakit, ez naiz ohartzen. Teoria horri segi, landu baino gehiago baratzea behatu behar dela diozu. Hori da. Hala ere artetan esku hartu behar da, hori gabe baratzea oihan bilakatuko litzatekeelako! Baina gutxiago eginez, kontrako energia gutxiago erabiltzen dugu. Gainera, arreta luzatzen bazaie, landareen jokamoldeari buruzko jakintza emendatzen dugu. Ideiak eta nozioak ereiten zabiltza. Adibidez, baratzea egitea erresistitzea dela. Baratzean aritzen garenean ez gara gehiago inposatua zaigun denborarekiko harremanean. Ez gara zalutasunaren presioaren menpe. On egiten du, oreka dakar. Natura inoiz ez da gelditzen eta bizidunak gauean asmaturikoa ulertu behar dugu egunero. Naturaren antzea ez dugu menperatzen eta espirituaren autonomia deitzen dudana ezinbestekoa dugu hori ulertzeko. Erran nahi baitu? Emaitza oso sofistikatuak dakarten gertaerak dauzka naturak baina ez ditugu ezagutzen. Adibidez, landareen arteko komunikazioaz oso gutxi dakigu. Alta, ulertzea lagungarria litzaiguke. Kudeaketa planen aurka naiz, mantentze programa bat aplikatzen dabiltzan robot bihurtzen direlako baratzezainak. Maleruski geroz eta gehiago daude. Baratze baten bilakaera ezin da teknokrata baten moduan aurretik pentsatu. Pestizida eta intsektizidekin baratzean dabilena baratzezain izendatzen duzuia? Baratzezaina baino gehiago, eremuaren teknikari bat dela errango nuke. Garbitasunaren ordena betetzen duena da; baina garbitasunak ez du ezer ikustekorik biologiarekin. XX. mendeko  ikuspegi higienista eta estetisante horrek ditu ezabatze teknika arriskutsu horiek ekarri. Lurreko bizia desegin, urak kutsatu eta espezieak desagerrarazi dituzte. Ez dira baratzezainak, uste dute hala direla baratzean dabiltzalako, baina ez! Baratzezaina bizidunaz arduratzen da, ez da hor hiltzeko. Baratzearekin baino gehiago lobbyekin dira harremanetan agintari politikoak. Hori hala da. Funtsean, ez gara demokrazia batean, bozkaturiko hautetsiek ez dute benetan botererik. Uste dute badutela, baina ez, lobbyek, multinazional handiek dute boterea. Hirugarren paisaia deitzen duzuna ere bada, baratzea bezain garrantzitsua. Adibidez, ordura arte laborantzarako ziren eta gaur egun beren gisa utziak diren eremuak dira. 60ko hamarkadan hasiz, paisaia erabat bestelakotu zen laborantzaren mekanizazioarekin. Makinak lagungarriak izan ziren,  baina aldi berean, gune deserosoak alde batera utzi zituzten. Mekanizazioaren ondorioz haizaturiko eta geroztik ere kimikoarekin uxaturiko aniztasuna garatzen ari da gune horietan. Horiez gain, gizon-emakumeak inoiz joan ez diren guneak edota gune babestuak ere dira hirugarren paisaiak. Sekulako altxorrak dira. Hirian bizi denari zer esaten diozu? "Laborantzazko hiri" batzuei buruz goazela errango nieke. Remi Janin paisajista gazteari mailegaturiko nozioa da hori, izen bereko liburu txiki bat idatzi berri du. Ideia da hiritarrek naturaren jitea onartzen badute, natura etorriko zaiela. Utzi dezatela jiten eta gero ikusiko dute zer egin. Hirugarren paisaiak daude hirietan, aniztasunari dagokionez, zinezko altxorrak direnak. Baina imajina daiteke ere janari ekoizpena garatzea eremu horietan. Geroari begira baikor zirea? Epe laburrari so egitean ez, baina epe ertainera begiratuz bai. Donostian adibidez, Ulia parkea urbanismoaren mehatxupean dute; benetan penagarria da, udaletxeak parkearen garrantziaz kontzientziarik ez duenaren isla da. Proiektu pedagogikoak egin ditzakete bertan, dagoen aniztasuna babestuz edota zergatik ez erabiliz. Egoera orokor baten sinbolo da Ulia parkea. Hiri baten heinean kokatzen da, baina azkenean munduan berdina gertatzen ari da: dirua da nagusi. Modelo ekonomiko katastrofiko horretan segitzen duguno ez naiz baikor izanen. Baina uste dut hala ere eredua alda dezakegula. Tokian tokikoa. Bai, hori da, tokian tokiko ekimenei esker dugu lortuko. Eusko tokiko moneta, adibidez, interesgarria da. Inposaturiko eredua errefusatu eta berri bat eraikitzen dabiltzanei esker dugu lortuko. Tokiko klimari, egoerari eta kulturari moldatuz indartsu gara.
news
argia-14b51b211dd2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/gizarte-berrien-mailakoak.html
Gizarte berrien mailakoak
Aritz Galarraga
2017-10-01 00:00:00
Gizarte berrien mailakoak 1936ko gerra aurreko teatroan, nabarmen, izen bat: Abelino Barriola. Ez bakarra, noski, Toribio Alzaga izan zuen aitzindari, zeinari Barriolak berak aitortu zion maisugoa –"Zugandik etorri zait euzko-antzerti gaietako zaletasuna"–. Baina Barriola, Lino Akesoloren arabera: "Idazle onekin euskal-teatroa bide berria urratzen asiko da. Artean baño goragoko gaiak, gizarte berrien maillakoak". Aurrerakoia, garaiari egokituagoa, "gizarteko arazo sakontxoak arrotzen ditu", "Donostiako teatroa joxemaritarren girotik atera eta mundu zabalagora eta aize berrietara eraman naiez ari izan da". Komedia bazter, Barriolak idatzitako lau dramak biltzen dira liburuan ( Zulo madarikatuak , 1911; Lagun txar bat , 1912; Maitasunak , 1923; guztietan gorena Goi argi , 1935). Oro har emaitzarik onenak lortutako generoa izateaz gainera, "denboran zehar izandako aldaketen erakusgarri zabala osatzen dutelako". Argi azaltzen ditu hitzaurrean Xabier Mendigurenek: irri antzerkitik dramara, gero eta lan luzeagoak, ideologia nabarmenduz, herritik hirira, pertsonaian gizarte maila gero eta jasoagoa, emakumearen garrantzia eta goraipamena. "Hasierako lanetan Soroagandik datorren usadiozko antzerki molde donostiarrari erabat lotzen bazaio ere, piskanaka antzerkikera berezi eta bere-berea lortuko du". Zertan da, bada, antzerkikera modu hori? Ez ekintza huts, ez eta hutsal ere, baizik eta hausnar –bakarrizketa gisakoak, barne pentsamenduak–, adibidez fedeaz. Fedegabeko pertsonaiak agertzen dira, mojei "alfer", "zomorro" deitzen dietenak. Apaiza, gizon eta emakumeen arteko harremanen aldekoa da –"gizonak bere artean eta emakumeak berenean" dituzten bezala–. Suizidio bat azalduko da. Nagusien gehiegikeriez kontziente, klase urguilu amiñi bat. Emakume liberatuak orobat, jazband –jazband!– jotzen duen beltzarekin dantzatu zen emakume andaluziar bat, Biarritzera hiru mutil euskaldunekin joaten den ingeniari aleman baten emaztea. Edota polimaitasuna iradoki dezakeen eztabaida: "Maitasun bakarrak betetzen duen biotza al dezu? Maitasunak! Nik asko ditut". Ados, horien guztien azpian asmo moralizatzailea dago, ideologiak–abertzale, jelkide– sustrai sakonak ditu testuotan. Baina, zer egin behar ez den erakusteko besterik ez bada, testu zentsuratzaile haiek egiten zuten bezala, zer egin daitekeen erakusten digute. Gizarte berri haietan egiten zena.
news
argia-06949a2e9a6a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2568/une-egokian-mossoek-ez-dute-kataluniako-herriaren-kontra-egingo.html
"Une egokian, Mossoek ez dute Kataluniako herriaren kontra egingo"
Axier Lopez
2017-10-01 00:00:00
"Une egokian, Mossoek ez dute Kataluniako herriaren kontra egingo" Politikari gutxik jaso ditu horrenbeste txalo eta irain hain denbora laburrean. Bilorik ez diozu ahoan aurkituko, salbuespenezko garaiotan, Espainiako politika astindu duen outsider katalan honi. Esquerra Republicana de Catalunyaren Bartzelonako egoitzan hartu gaitu Gabriel Rufiánek. Mediaseteko kamerak zain ditu atean, baita kalez jantzitako hainbat polizia ere. Elkarrizketa egin eta bi egun geroago Guardia Zibilak Generalitateko 12 goi kargu atxilotuko ditu, tartean bere alderdikide batzuk, eta milaka lagunek kaleak okupatuko dituzte Kataluniaren aurkako estatu kolpearen lehen kapitulua salatzeko. Sei urteko seme bat daukazu. ¿Nola uztartzen dira garaiotako martxa frenetikoa eta familia? Politikagintzaren lehen lerrora salto eman genuenean, Joan Tardàk esan zidan lehen gauza zera izan zen: "Asko zaindu familia". Hori egiten saiatzen naiz geratzen zaidan denbora apurrean.  Ez ditut nire ingurua, bizilekua eta gertukoak aldatu. Berdin-berdin tratatzen naute, ea hori mentalki oso ondo datorkit. Baina egia da, lan honen alderik txarrena dela hau. Nola daramate presio mediatikoaren gaia? Unearen arabera. Badira momentu korapilatsuagoak. Hemen eta Madrilen ez dut aparteko esperientzia txarrik izan. Jaso dudan bakarra animoak eta maitasuna dira. Lehen ez genuen emazte eta semearekin bizitza sozial handirik egiten eta orain ere ez. Zapaterok, berriki egindako elkarrizketa batean, esan zuen eskuineko nazionalismoak ez zuela independentzia aurrikusten, eta independentista zirenek ere ezin zuten imajinatu egoera hau hain goiz emango zenik. Horrelako argudioek berresten dute orain 10-15 urte independentista ez zen jende multzo bat egun independentziaren alde dagoela. 'Haitzulo' mediatikoaren arguditeriaren parte da politikari eta lider katalanez asko hitz egitea eta oso gutxi kalean gertatzen denaz. Azken batean, beste batzuez aritzen dira beren buruaz hitz egin behar ez izateko. Gutako asko Espainiako Estatua aldatzen saiatu gara, baina, azkenerako, ulertu dugu estatua aldatzen dela Kataluniakoaren moduko prozesu politiko baten bitartez; nahiko nuke, egunen batean, estatuko gainerako nazioek bide beretik ekitea. Guardia Zibilak erreferendumaren webguneari ezarritako zentsura informatikoki gainditzeko irizpideak zabaldu ditu  nork eta Generalitateko president-ak. Oso gauza eroak gertatzen ari dira egunotan, ezta? Bai [barre artean]. Batzuentzat 'shock' hutsa da, baina hemen, salbuespenezko garaietan, salbuespenezko koalizioak egin ziren eta oso bestelako munduetatik zetozen pertsonak, Carles Puigdemont eta Anna Gabriel kasu, egun jardun berean ari dira. "Zilegitasuna vs agintea" al da bizitzen ari garena? Nik uste baietz. Estatuak legeak baino ez ditu eskura; gau bakar batean beraiek aldatu zuten konstituzio bat, 40 urtez bortxatu dutena, 47 eta 128 artikuluak kasu. Aldiz, egun, paparra jasota aldarrikatzen dute. Erabateko hipokresia da. Gizartea ez da legeen arabera moldatu behar, gizartea da legeak egokitu behar dituena. Gainera, gauza bat da legalitatea eta beste gauza bat, oso bestelakoa, zilegitasuna. Orain 80 urte, egunean 8 orduz lan egitea, greba egiteko eskubidea edo bozkatze unibertsala legez kanpokoak ziren. Argazkia: Jordi Borràs Bidean honakoa zioen kartel batekin egin dut topo kalean: "Desobedientziarik gabe, ez da independentziarik". Ni oso eroso sentitzen naiz desobedientzia hitzarekin, baina, zinez, uste dut askoz zuzenagoa dela norberaren buruarekiko obedientziaz hitz egitea. Horixe da Kataluniako parlamentuak egin duena: bere buruari obeditu, hitzemandakoa bete eta agindu independentistari hutsik ez egitea. Oposizioa, era ez-zilegi batean, kexu zen hauteskunde-programa betetzen ari ginelako, hain zuzen. Apaltasun osoz diot, horixe da politikagintzaren etorkizuna. Kataluniako parlamentua erakusten ari da ondoren gertatu behar duena, baita Espainiako Kongresuan ere. CUPeko alkateak agindu judizialak desobeditzeko prest agertu dira. Zenbait girotan azkura eragin du erabaki horrek, Mossoekin gatazka eragingo duelakoan. Puigdemontek berak, gutako batzuen antipoda ideologikoetan dagoenak, esan du ez diola balizko inhabilitazioari men egingo, President-a jarri edo ken dezakeen bakarra Kataluniako herria delako. Gauza bera adierazi du Oriol Junquerasek. Aurrerapauso handia da, inoiz horrelako urratsik egitea askori pentsaezina egiten zitzaion pertsona batzuen aldetik. CUP eta ERC-ko alkateek, baita PDeCATekoek, eta, seguruenik, beste alderdiren batekoek ere, egingo dutena ez da desobeditzea izango, beren jendearekiko konpromisoa betetzen saiatzea baizik. Lehen, bozkatzera ez joateko edo ezetza bozkatzeko asmoa zuen pertsona asko, egun, bozka ematera joango da eta batzuk baietzaren aukera aztertzen ari dira, ulertu dutelako ez dela zilegi haien herrian demokratikoki hautatu duten alkatea jazartzea. Oriol Junqueras, Ada Colau eta Carles Puigdemontek sinatutako eskutitz batean Espainiako Gobernuari, Mariano Rajoyri eta Felipe VI. Erregeari eskua luzatzen zioten berriz elkarrizketari ekiteko. Ez dut oso ondo ezagutzen eskutitzaren negoziazioa nolakoa izan zen, baina egon zela imajinatzen dut.  Kataluniako herriak, bere ordezkari politikoen bitartez, lau edo bost urte daramatza mahaian eserita bestaldean norbait jarri zain. Ezinbestekoa da islatzea Kataluniako herria azken egunera arte negoziazio mahaian izan zela eta jaso zuen erantzun bakarra erabateko errepresioa, zapalkuntza eta Espainiako Polizia eta Guardia Zibila bidaltzea izan zela. Hori nazioarte mailan, hurrengo bataila jokatuko den eremuan, oso garrantzitsua da. Urriaren 1az galdetuta, batzuk estatu kolpeaz mintzo dira, beste batzuek diote, erreferenduma egitekotan, arazo asko izango direla... Egia esan, erreferendumarekin lotutako pertsona edo bileretan, nik ez dut ezagutu plan alternatiboren bat proposatu duen inor. ERC eta CUPen aldetik guztiz ziur nago horrelakorik ez dagoela, eta PDeCATen aldetik ere, uste dut ezetz. Erabateko gehiengoa daukagu parlamentuan, milaka eta milaka pertsona daude kalean eta president-ak, presidente-ordeak eta gobernuak oso argi daukate erreferenduma egin egingo dutela. Hori nola geldiarazten da? Guardia Zibila jendea atxilotzera bidaliz? Komunikabide eta inprimategien aurrean poliziak jarriz? Erreferendumaren posterrak bahituz? Lapurtu ostean kartel horiek kalean jarrita baino famatuago bilakatzen ari dira eta. Geldiezina da. Joan Tardàk ondo dioen gisan, historiak egiaztatu du ez dagoela demokrazia gelditzerik, jendea kalean geldiezina dela. Erreferenduma egin egingo da, beste alternatibarik ez dagoelako. Liskar eta gatazka politikoak hautestontzien aurrean konpontzen dira. "Gauzak aldatzeko aukera bat baino ez da Kataluniako independentzia. Hori besterik." Espainiako Polizia eta Guardia Zibila ez dira erreferendumaren aurka lanean ari diren agente bakarrak. Herri askotan Udaltzaingoa eta Esquadra Mossoak dira jendea jazartu ala zentsura aplikatzen ari direnak. Guardia Zibila komunikabide baten aurrean jarri denean, guk ez ditugu haiek seinalatu. Areago, gu Espainiako Kongresuan duintzen saiatu gara guardia zibilen lan-baldintzak, kasu askotan oso kaskarrak direlako. Klase politikoarena da erantzukizuna. Gure aldetik arduragabea litzateke polizia hau edo beste seinalatzea. Baina ziur naiz, une egokian, Esquadra Mossoek ez dutela Kataluniako herriaren aurka egingo. Poliziak bahitu ditu 100.000 kartel kalean inork ikus ez ditzan, baina aldi berean "legez kanpoko" kartel horiek Twitter bidez zabaldu ditu mundu osoak ikus ditzan. Dramatikoki, Espainiako Barne ministro Zoidok horrelako txioak idazten ditu, horri esker hauteskundeak irabazten dituelako. PP, Ciudadanos, Auzitegi Konstituzionala, Fiskaltza eta Aranzadi brigada mediatikoak horrela jokatzen dute Espainiako Estatuan hauteskundeak irabazten dituztelako era horretan. Hemen, aldiz, bigarren mailako alderdiak dira, PP bereziki. Anaiatzat ditugun politikari batzuek kontrakoa irudikatu arren, Rajoy ez dago Moncloan efektu meteorologiko baten ondorioz. Berak hauteskundeak irabazten ditu, eta are gehiago irabazi ditu Carme Forcadell epaileen aurrera eramanez. Pankartak egiteko txantiloiei argazkiak eta bideoak eginez, Pablo Escobarren kokaina bailiran, irabazten dituzte hauteskundeak Espainian. Guda mediatikoa lehen lubakia da. Orain dela urte batzuetatik hona fronte mediatikoaren erasoa sufritu dugu. Euskal Herrian ezker abertzaleak aspalditik daki hori zer den. 'Lokatzaren makina' da, Umberto Ecok dioenez. Zenbait hedabidetara joaten garenean oso ondo dakigu zertara goazen. Azken aldion ehunka elkarrizketa egin ditut. "Ideiarik ere ez dut" esanez bi galdera baino ez ditut erantzun. Bat da "Nola botako duzue armada?" eta bestea "Nola hartuko duzue aireko espazioaren kontrola?". Zintzoki, ez dut ideiarik, baina ziur naiz era baketsuan izango dela eta ez dela ezer gertatuko. Baina hori erantzutea nahikoa izan da milaka bideo egiteko ideiarik ere ez dudala esanez. Xabier Garcia Albiolek arrakasta handiko txioa idatzi zuen hortaz eta, areago, Kataluniako Parlamentuan Joan Coscubielak "ideiarik ez duen diputatua" deitu zidan. Oso ondo ulertzen dugu zertaz doan hau dena. Etxetik negar eginda gatoz. "Bruneteak" ez du hitz egingo nola Estatu batek herri baten aurka egingo duen, nahiago dute denbora gehiago inbertitu jantzi dudan arropaz edo nire tonuaz aritzeko. Baina guk zentzu kritiko batez interpelatu nahi dugu telebistan edo Youtuben ikus gaitzakeen jendea. Momenturen batean buruan kirrinka egin diezaien. Apurka-apurka lortzen ari da. Maila pertsonalean, alde ikaragarria ikusten dut Madrilgo burbuila mediatikoaren eta Kataluniako egoeraren artean. Lan handia beharko da hori aldatzeko. "Kataluniaren aurkako guda zikina ez da iraganeko kontua, egun ari da gertatzen" Eztabaida eta kontraesanak Kataluniako hedabideen barruraino ere heldu dira. Hor dago Ara egunkariaren kasua , erreferendumaren publizitate ofiziala ez jartzeko erabakiaren harira sortutakoa. Alderik ahulena dela uste dut. Nire aldetik ez litzateke oso bidezkoa izango orain komunikabide baten aurka egingo banu, bakoitzaren ustez bere lerro editoriala ei denari egoki erantzun ez diotelakoan. Ez litzateke justua izango langileentzat. Hedabide guztietan dago jende duina. Guztietan. Hori da nik ezagutu dudana, bereziki Madrilen. Ziurra dena da Katalunian gertatzen dena ezkutatzen saiatuz gero, azkenerako, galtzaile aterako direla. Gertatzen ari dena estaltzen saiatzen denak, mediatikoki ordainduko du urriaren 2tik aurrera. Cuatro telebista katean zuzenen sartuko naiz orain, eta ondo dakit ez nautela ondo tratatuko. Haserre ikusi nahi zaituzte. Katalan bat, arrazoi apur bat duena, baina haserre dagoena. Baina ikusten dutenean gai zarela baita haiek trolleatzeko ere, edo ziurtatzen diezuenean hemen ez dela ezer erretzen ari, haiek dira deseroso jartzen direnak. Erabateko astakeriak esaten dira. Madrilgo telebista bateko platoan dagoen tipo batek azaltzea zuri zu zeu bizitzen ari zaren errealitatea, kurioso xamarra da. Beste adibide bat jarriko dut. Pasa den asteko larunbatean Alberto Garzóni elkarrizketa egin zioten La Sexta Noche -n. Ordu erdiz aritu zen enplegua sustatzeko Izquierda Unidaren neurriei buruz. Ni poz-pozik joango nintzateke edozein hedabidetara gure enplegu politikaz solastera, baina ez, nik Puyoli buruz hitz egin behar dut. Dramatikoa hau horrela esatea, baina hala da. Ondo dakigu zertara goazen. Gero eta errepresio handiagoa, orduan eta elkartasun eta mobilizazio handiagoa. Hori al da ekuazioa? Ez. Oxala errepresiorik ez balego, baina egon egongo da. Bortizkeria judizialak jarraituko du. Inhabilitazioak. Guda zikina. Guk ondo egiaztatu dugu "Catalunya operazioa" ikertzeko Kongresuan eratu zen komisioan. Guda zikina ez da iragana, gaur egun gertatzen ari da eta gertatuko da aurrerantzean ere. Egia esan, seko aspertuta egongo dira gure atzetik dabiltzanak, oso bizitza aspergarriak ditugu eta. Prozesuak aurrera egin ahala, Kataluniako gizarteak ezkerrerantz egin duela begi-bistakoa da. CUPen moduko agerpenak dira horren bermea. Kasu askotan haiek izan dira prozesu honen lema, jende askoren kontzientzian kilker hiztuna rena egin dute. ERC alderdia gero eta handiagoa da, askotariko pertsonak biltzen ditu. Horrek indar politiko garaile bihurtzen du. Nire itxaropena da, noizbait, horrelako zerbait gertatzea ezker abertzaleari Euskal Herrian. Beste ezker batek, Podemosek, dio Rajoyk alde eginez gero, dena aldatuko dela. Hori oso diskurtso tranpatia da, esan nahi duelako PSOE, Ciudadanos, Auzitegi Konstituzionala eta enparauak konbentzitu behar dituzula. Anaitasuna eskatzen digute. Baina gure ustez hori beste gauza bat da, adibidez, irabaz dezakeenari irabazten uztea eta ez esatea zain egon behar dela besteak irabazi arte. Burgesiari buruzko galdera ondokoa da: zergatik da txarra PDeCATekin autodeterminazio prozesu bat adostea eta, aldiz, ona da PSOErekin adostea Espainiako erreforma? Momentuz, erantzuna isiltasuna izan da. Argazkia: Jordi Borràs Ezkerreko beste sektore batzuk prozesura batu daitezen errazteko, ez al zen interesgarria izango gaurdanik balizko errepublika katalana definitzen hastea? Ematen du hortaz ez dela hitz egiten, baina ez da guztiz egia. Kalean eta ekitaldi politikoetan aipatzen da. Baina aukera hori etorriko da, emaitzaren arabera, laster hauteskunde konstituziogile edo autonomikoak izango ditugulako. Orduan bakoitzak azaldu ahalko du bere herri proiektua. Bestetik, Kataluniako Parlamentuak, inguruan zarata handia izanik ere, oso aurrekontu sozialak onartu ditu ezbairik gabe. CUPen babesa horren bermea da. CUPek, oso independentistak izanik ere, ez luke inoiz baietza emango, gure historian gastu sozial handiena duten aurrekontuak ez balira. Ez al duzu uste azken aldian prozesuaren hanka instituzionalenak protagonismo handiegia hartu duela? Epika handiko eta konfeti askoko une bat izan zen. Oso politikoa izan zen beste une bat ere izan zen, orduan aurrekontu bat eta gehiengo parlamentario bat adostu behar izan ziren. Artur Masek hanka egin behar izan zuen garaia zen.  Saihetsezina zen kalearen unea instituziora mugitzea. Egun, logikoki, oso kalekoa den unea bizi dugu. Agian kanpotik eman lezake instituzioek aginte osoa dutela, baina gure hurbileko historian politikari katalanak tresna baino ez dira izan. Hau da, hau guztia geldiarazteko Moncloara bidaia bat egitea bururatuko balitzaio norbaiti, jendea gainetik pasatuko litzaoke. Norbaitek Rajoyri eskua emanda, imajinatzen al duzu horrelako argazkirik? Horrelako egoerak oso gutxitan bizi izan dira politikan. Estatut berriak ilusio handia piztu zuen jende askorengan. Horren isla nagusia izan zen Artur Mas, Lluran i Lleida eta Zapateroren arteko argazkia. Eta ez zen ezer gertatu. Hori gaur egun pentsaezina da. Ulertzen dut esaten duzuna, baina ANC eta Súmate herri plataformetatik natorrenez eta barrutik ikusi dudanagatik, ez dut hala ikusten, baina agian arrazoi duzu. "Espainiako ezker bat dugu aurrean, borroka eta desobedientziatik datorrena, oso duina eta ausarta, baina Kataluniaz ez duena ezer ulertzen" David Bonvehí-k, ardura handiko PDeCATeko kidea, orain hiru aste esan zuen estrategia aldatuko dutela urriaren 1eko erreferendumaren emaitzak txarrak badira. Galdera hori haientzat da. Halere, PDeCATekin onbera xamarrak izan behar dugu. Datozen lekutik datoz eta prozesu honentzat ezinbestekoa den eremu parlamentario eta soziala ordezkatzen dute. Haien jendearentzat ari dira hizketan. Nolabaiteko pragmatismo hori haien ADNaren parte dela uste dut. Baina, nik ezagutzen dudana da, eta zintzoki diot, oinarriak prozesuarekin guztiz engaiatuta daudela. Ideologikoki nire antipodetan daude, baina erabat konprometituta daude. Ni horrekin geratzen naiz. Beste mota bateko konpromisora salto eginez, EAEko lehendakaria ere oso argi mintzo da . EAJren barruan zati bat dago Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldekoa dena erabat. Zati horri errespetua diot, baina PPk aurrekontuak EAJri esker onartu zituen. Iñigo Urkulluren adierazpenak klabe horren arabera ulertu behar dira. Ulertzen ez dudana da zergatik batzuek uste duten EAJk erreferendumak bermerik ez duela dioelako gure prozesua kaltetu behar duen. EAJ gaur egun alderdi autonomista da ia osotasunez. Espainiako Kongresuan interes propioak dauzka eta lehentasunezko bazkidea da PPrentzat. Hein batean, logikoa da. Batetik, hori egiten duen lehen aldia ez delako, eta, bestetik eta gehien bat, eskuineko alderdi bat besterik ez delako EAJ. Barcelona en Comú-ko Gerardo Pisarellok dio "mobilizatu eta bozka dezagun autoritarismo zentralistaren aurka oldartzeko" eta Podemoseko Pablo Iglesiasek "PP botatzeko laguntza behar dugu". Alde handi xamarra dago, ezta? Buruzagitzaren eta bozka-emaile, militante, zale eta haiengan konfiantza jarrita duen jendearen artean bereizketa egiten saiatzen gara. Baina badira hainbat lider Podemos, Catalunya Sí que es Pot, Barcelona en Comú eta Catalunya en Comú-n, motzean, ondoregoa diotenak: "orain ez datorkit ondo". Dramatikoa da, gure artean anaitasuna gailendu beharko litzatekeelako. Guk erabat ezinezkoa zen zentsua mozioa babestu dugu Espainian, begirune demokratiko eta duintasunagatik. Aldiz, beraiek txapel bakarrarekin bi buru estali nahi izan dituzte. Oso eskertzekoa da garrantzi handiko hainbat kidek, lehen minututik, erakutsi duten ausardia; Jaume Asens, Albano Dante edo Marta Sibina, adibidez. Zirkulu eta asanbladetan erreferenduma eta 78ko erregimena hausteko duen gaitasuna kosta ala kosta babestu eta defendatu dituen jendea da. Aldiz, beste batzuen planteamendua da, zilegi izanik ere, etorkizunean PSOErekin adostuko duten proiektuan kargudun bilakatzea. Eta orain erreferendumaren alde agertzearekin bateraezina irizten diote. Baina zorionez afiliatuen eta militanteen iritzia gailendu da. Ziur gaude aktiboki parte hartuko dutela. "Erreferendumarekin lotutako pertsona edo bileretan, ni ez dut ezagutu plan alternatiboren bat proposatu duen inor" Manuel Monereo (Podemos) eta Pau Llonch-en (CUP) arteko buruz-burukoa ikusi al duzu? Bai. Izan ere, Monereorekin komentatu nuen Kongresuan. Monereok zioen jende guztiak dakiela erreferendumik ez dela izango. Ondorengoa erantzun zion CUPeko Pau Llonch-ek: "Espainiako ezkerra autodeterminazio eskubidearen alde dago, baldin eta ez bada inoiz gauzatzen". Egia borobila da. Paurekin oso harreman ona daukat. Gaur egun ezkerrak duen bururik onenetakoa dela iruditzen zait. Noizbait ikusi nahiko nuke, adibidez, parlamentu batean. Eztabaida interesgarri horrek ondorengoa utzi zuen agerian: oso duina eta ausarta den Espainiako ezker bat dugu aurrean –Monereok ordezkatzen duena–, borroka eta desobedientziatik datorrena, baina ez duena ezertxo ere ulertzen. Kataluniari begira erabateko miopia dutela erakusten ari dira. Katalanak, nolabait, haserre dauden espainiar batzuk garela esatera murrizten da beren mezua. Haiek boterean jarriz gero dena konponduta dago, arazoa Rajoy delako. Baina arazoa askoz harago doa. Guk oso argi dugu hau guztia Espainiarengatik ere egiten dela. Espainiako Estatua demokratizatzeko aukera bakarra Kataluniako autodeterminaziotik pasatzen da. CUPek amore eman izan balu eta egungo president-a Artur Mas balitz, hau guztia posible litzatekela uste duzu? Gogoan daukat garai hartan CUPeko zenbait lagunen artean tentsioa eragin zuen zerbait esan nuela: "Masek ordezkatzen duen hori gabe, ez dugu egingo". Horrekin adierazi nahi nuen independentismo mota asko daudela, jendea oso bide ezberdinetatik heldu dela hona: arrazoi ekonomikoak, identitarioak, ideologikoak –hori da nire kasua–, alderdikoiak, eta abar. Eta bada independentismo mota bat presidentzialista dena, 'masismoa'. Estatu bat gure kontra edukita eta hauteskunde plebiszitarioen ostean gehiengo argia izanik, inor ez dago soberan.  Batzuk beldur ziren –ni horietako bat nintzen–  zenbait ikur galtzen bagenuen, gustukoak izanik ala ez, nolabaiteko ordezkaritza gal genezakeela, Historiak erakutsi du independentismo presidentzialista hori Puigdemontek bereganatu duela egun. Beste jende mota bat honetan sartuta Junquerasengatik dagoen bezala. Nire kasua guztiz bestelakoa da. Zientzia fikzio politikoa egitea da, baina egia da aldaketa eragin zuela PDeCATen, eta agian, hori gabe aurpegi eta lider berriak geroago helduko zirela. Halere, ez dezagun ahantzi, Generalitateko president-a izan gabe ere, hor dagoela Artur Mas. Beragatik honetan sartuta dagoen jendea, masismoa, ordezkatzen jarraitzen du. Santander, BBVA, La Caixa, Sabadell eta Popular bankuek orain bi urte komunikatu bat sinatu zuten esanez alde bakarreko independentzia aldarrikatuz gero Kataluniatik alde egingo dutela. Lehenik, horrek gezurtatzen du prozesu hau Kataluniako burgesiak gidatutakoa dela dioen mantra hori. Hala balitz, galdera hau ez litzateke planteatuko, eta, gainera, honezkero independenteak ginateke. Bigarrenez, jende horrek ez du ideologiarik. Akaso zerbait badu, baina nagusia dirua da. Erabateko pragmatismoak zuzentzen ditu. Gehiago ala gutxiago gustatuta ere, Katalunia ekonomia indartsua da, Espainiako Estatuko motor ekonomikoa. Beraz, jende horrek nahi duen gauza bakarra da dolar bakar bat ere ez galtzea. Argazkia: Jordi Borràs Aldiz, Eskoziako kasuan, indar faktikoak ez ziren hain oldarkor azaldu. Agian, SNP, indar kapitalista bat agintean zegoelako? Ni marxista naiz. Gu ez gara antisistema, sistema da gure kontra dagoena. Nik uste dut dena aldatu beharra dagoela, baita eredu neoliberal hau ere. Orain hilabete batzuk, Generalitateko ekonomia kontseilua kudeatzea Grial Santua ematen zuen, soilik bakan batzuen esku zegoena. Baina orduan ERCk hartu zuen bere gain, Oriol Junquerasek, lehendakari-orde gisa.  Esportazioak ea kanpo-inbertsioa inoiz ez bezala doaz, eta BPGak Estatukoa eta Europako hazkundea bikoizten du. Uste duena Katalunian, egun batetik bestera, kaleak sutan jarriko direla eta dena aldatuko dela, oso oker dago. Ez dezagun ahaztu Espainiako Estatuak BPGren %114a zor duela. Baietzak irabazten badu, hurrengo egunean Espainiako Estatuak izango du interes handiena Kataluniari gauzak ondo joan dakizkion. Prozesua irekiko dugu den-dena negoziatzeko, baita aktibo eta pasiboak ere. Beraz, ez dut uste arazorik izango denik, ni finantzen munduaren kritikoen agertzen den sektore batekoa banaiz ere. Zer etor daiteke Merkel, Macron eta enparauen Europar Batasunetik? Europa ez da existitzen, bankuak dira. Doilorra eta zitala da Europar Batasuna, Mediterraneoko eta Mazedonia eta Grezia arteko mugako irudiak ikustea besterik ez dago. Baina horiek ere pragmatiko hutsak dira. EBk Katalunia botatzen duen edo emaitza demokratikoari muzin egiten dion egoera bat irudikatzea oso zaila egiten zait. Hungariari edo Greziari EBtik irteten utzi ez dieten berberak dira. Jakitun gara Katalunian gertatzen ari denari buruzko interesa gero eta handiagoa dela botere-gune horietan ere.  Carme Forcadellek epaitegian deklaratu ostean, Londresen Generalitatek duen ordezkariarekin hitz egin nuen eta esan zidan orduan aukera izan zuela lehen aldiz Westminsterrera sartu eta parlamentarioekin hitz egiteko Han ez dute ulertzen parlamentu bateko presidenta bat epailera Aurrera joan behar izatea bozketa demokratiko bat babesteagatik. Estatuko erasoaldi judizial eta institucional honek ondorio bat izan du: lehen Kataluniaz jakinminik ez zuen jendea interesa azaltzen hasi da. Jean-Claude Junckerren adierazpenak edo Danimarkako parlamentarioen eskutitzak hala erakusten dute. Bruselako parlamentuko indar politikoetako hainbat kidek komentatu digutenez, kezka eragiten duen gai bat da eta orain urtebete baino leku handiagoa du agendan. Eta hori guztia gertatu da, gehien bat, Espainiako Estatua erakusten ari den gabezia demokratikoagatik. Zahartutako Mendebaldeko gizarte atzerakoiak, berez, uzkurrak dira edozein aldaketarekiko. Independentzia prozesu orok aztoratzen du herritarren egunerokotasuna, era gogor ala apalago batean. Askotan ez al da minik gabeko prozesu bat saltzen ari? Arrazoi osoa duzu. Eskozian gazteen %70ak independentziaren alde bozkatu zuen. Adinekoengatik galdu zen erreferenduma, beldurragatik. Beldurraren diskurtsoarekiko sektore ulerberena da, pentsioen gaiagatik-eta. Hemengoa kafkiarra da. Rajoy da pentsioen sistema lurperatu duena eta berak gu ipintzen gaitu pentsioak galtzeko arriskutzat. Nire esperientziagatik, hemen adineko bozka-emaileak, oro har atzerakoia eta PDeCATen bueltakoa dena, erabat mobilizatuta daude. Jende asko jabetu da arazoa ez dela aldaketa, baizik eta gaur egun bezala jarraitzea. Problema ez direla etorkizuneko pentsioak, gaur egungoak kobratzeari noiz utziko diogun baizik. Baina oso ados nago zurekin ondorengo zentzuan: independentziaren hurrengo egunean dena zoragarria eta Katalunia aparta izango dela dioen diskurtsotik urrundu behar gara. Ez du zertan hala izan behar, osatuko diren hegemonia eta bozkatuko diren proposamenen arabera izango da. Gauzak aldatzeko aukera bat baino ez da Kataluniako independentzia. Hori besterik. Orain dela 80 urte lapurtu ziguten herri-eredua berreskuratzeko aukera bat da, denok berdinak izango garen errepublika bat, non ez den izango, abizenari esker, diru publikotik 8 milioi euro kobratzen dituen familiarik. Horregatik bakarrik merezi du. Ni oso bat nator David Fernadezen esaldi honekin: "Gure M15a prozesua da". Jende askok dena galdu zuen, baita beldurra ere. Eta urriaren batean hori erakutsiko dela konfiantza osoa dut. Hautestontziek agintzen dutenean, emaitza ez da inoiz ziurra izaten. Pentsa, nik ez dut ezagutzen PPri botoa ematen dion inor eta hauteskundeak irabazten dituzte.
news
argia-2e7ed0952c59
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/kepa-ruiz-mirazo-biziaren-sorreraren-gakoak-argitu-nahirik.html
"Gaur egun Lurrean dugun bizia oso konplexua da eta ez daukagu argi zergatik"
Unai Brea
2017-07-02 00:00:00
"Gaur egun Lurrean dugun bizia oso konplexua da eta ez daukagu argi zergatik" Lan ildo bikoitza du Kepa Ruiz-Mirazo (Gernika, 1970) EHUko  ikertzaileak. Batetik, Leioako Biofisika Unitateko laborategietan bizia sortu aurreko urratsak erreproduzitzen saiatzen da; bestetik, bizia bera zer den hausnartzen du Biologiaren Filosofia ikertaldean. Beraren lantaldea Montpellierreko Unibertsitateko beste batekin elkarlanean ari da, bizia sortu ahal izateko molekulak nola elkartu ziren aztertu nahian. Bizia sortu zeneko faktore berak birsortzea da zuen helburua. Ondo esan dut? Jakin nahi dugu zer nolako osagaiak izan ziren lehenengoak. Pentsatzen baduzu bizia zer konplexua den eta zer nolako makromolekula erraldoiak dauzkan: DNA, RNA… Oso molekula handiak dira, eta sortzeko zailak. Guk bottom-up hurbilketa egiten dugu, behetik gorakoa. Badago goitik beherako planteamendua ere, top-down . Kontua da noiz elkartuko diren biak, oraindik oso urrun daude. Eta uste dugu bottom-up ildoan lar sinplifikatu dugula orain arte; biziaren sorrerari buruzko ikerketetan oso ohikoa da molekula mota bakarrari erreparatzea, "biziaren molekula" aurkitu nahian. Baina bizia osagai askoren arteko jokoa da. Gero eta gehiago molekula multzoak kontuan hartuta egiten ari dira ikerketak; ikuspegi aldaketa ematen ari da. Zuek kimikaren mailan ari zarete ikertzen. Hortik biologiaren konplexutasunera distantzia handia dagoela diozu. Bai, gaur daukagun bizia, Lurrean behintzat, oso konplexua da, eta zientzialariok ez daukagu argi oraindik zergatik den hala. Horren arrazoia jakin nahi dugu. Horretarako biziarenak baino molekula sinpleagoetatik ari zarete tiraka: peptidoak, gantz azidoak... Erraz esplika daiteke zer lortu duzuen laborategian? Sinergia bat lortu dugu aitzindari molekular horiekin, alegia gantz azidoekin eta peptidoekin. Batera jartzean, gantz azidoek konpartimentu itxiak sortu zituzten, mintz funtzioa dutenak.  Ez dirudi horrek biziarekin lotura handia duenik... Dipeptido bat sintetizatzea baino ez dugu lortu, eta bada esaten duenik: "Gu RNA aztertzen ari gara, eta horrek bai biziarekin lotura". Noski, baina zelan heldu RNAraino? Ez dute azaltzen, ez dakite. Beste batzuk, berriz, RNA osagai sinpleetatik osatzen saiatzen ari gara, nahiz eta oso urrun gauden oraindik. Gure hipotesia da molekula-sistemak hasieran autonomo bihurtuko zirela, eta hortik gero gaurko konplexutasunera iritsiko zirela. Sistema autonomoak dira nolabait osagaiak ekoizteko protometabolismo bat dutenak, baina oraindik DNA, RNA eta halakorik gabe. Bizia orain 3.500 milioi urte inguru agertu zen Lurrean. Autonomiaranzko pauso hori askoz lehenagokoa da? Ez. Kontuan izan behar da Lurra bera ez zela askoz lehenago osatu: duela 4.500 milioi urte. Eta hasierako baldintzak gogorrak ziren: bero handia, ur likidorik oraindik ez, meteoritoak… Lurra epeldu eta baretutakoan sortu zen bizia. Gakoa da laborategian birsortzen ditugun sistema autonomoek koherenteak izan behar dutela Lurraren hasierako baldintza geologikoez dakigunarekin. "Inoiz ez gara iritsiko biziaren sorrera ebaztera", esan duzu. Zentzu batean, historikoki, ezin izango dugu jakin zein izan zen ibilbide zehatza, baina uste dut gai garela oro har gertatu ziren etapak karakterizatzeko. Lurreko bizidun guztiok jatorri bera dugu eta hori nola gertatu zen jakin  nahi dugu. Demagun Lurrean orain dela 3.500 milioi urte zeuden baldintza berdinak daudela beste planeta batean. Nahitaez agertuko litzateke bizia? Ez daukagu ziurtasunik, baina uste dut aukera asko legokeela. Dena den, gu zientifikoki ari gara gaia aztertzen, eta horrek premisa bat dakar: beste norbait emaitza errepikatzeko gai izango dela, bestela metodo zientifikoa bera pikutara doa. Orduan, zenbateko eragina duen zorteak... Apustua da baietz, baldintza orokor batzuk betez gero biziaren sorrera-prozesua errepikatu ahal dela. Zergatik ez da errepikatzen Lurrean bertan? Darwinek esan zuen: behin planeta kolonizatuta, biziak ez du uzten bizia berriro agertzen. Laborategian bakarrik sor genezake zerbait artifizialki, hor kanpoan dena beteta dago eta. Mikroorganismo asko dago, leku guztietan. Harkaitza zulatu eta bi kilometroko sakoneran bizia dago. Bestalde, orain oxigenoa daukagu, atmosfera oso desberdina da… Lurraren eta biosferaren arteko elkarrekintza ikaragarria da, biziak zeharo aldatu du Lurra. Bizigabe eta bizidunen arteko muga argia da? Birusak datozkit gogora. Birusak ez dira bizidunak nire ustez, energetikoki ez direlako autonomoak, oso konplexuak izan arren. Parasitoak dira. Birusak biziaren sorreran zehar garatu ziren, baina ez zuten prozesua bultzatu. Ondorioz, eta galderara itzulita, bizidun eta bizigabeen arteko muga argia da? Zientifikoki landutako eredu oso bat edukiko bagenu, kimikatik biologiaranzko urrats guztiak ondo zehaztuta, muga zehazki non dagoen esatea ez litzateke erraza. Baina orain oso argi dago muga, bizidun sinpleenak izugarri konplexuak baitira bizigabeekin konparatuta, aldea oso nabarmena da. Galdera zaila da ea zergatik ematen den batetik besteranzko urratsa. Oso zaila da, baina hasieran zer sistema egon zen aztertu dezakegu eta agian zergatia berez argituko da. Hori da nire helburua: bizia zer den ulertzeko aztertzen dut biziaren sorrera.
news
argia-2af8e28868db
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/oporren-kontra.html
Oporren kontra
Miren Artetxe Sarasola
2017-07-02 00:00:00
Oporren kontra Heldu da uda. UDA. Pozik egoteko presioaren kurbak goia jotzen duen garaia. Eta oporrak dira, egunotan, zorion tasaren neurgailu nagusi. Zenbat denboraz. Non. Norekin. Joan gintezke urrutira. Oso urrutira. Abentura neurtuek ematen dute etekin gehien. Turistarik ez dagoen lekuetara joan garela azalduz gero, batez ere (paradoxa ez azpimarratzeko konbentzio sozialaz baliatuz). Edo gelditu gaitezke herria zaintzen. Argi, ordea: Aupa Etxebeste baten susmoa har dakioke horri. Atera ezin duenak urtean zehar errekuperatuko ditu puntu horiek, zorterik badu, prekarietateari buruzko zurito-eztabaidetan (soldata duindunok horri buruz ere diskurtso interesgarriagoa dugun arren, erran gabe doa). Argi gera dadila, beraz, ahal dela, nahi dugulako egiten dugula bertan goxo. Hor dugu Arbizuko kanpina, zer gerta ere (familiarekin, bikotekidearekin, edo txarren-txarrenera, lagunekin joateko). Kontua da uda gozatu izanaren kontaketa sinesgarri baterako osagaiak biltzea. Besteei, hots, gure buruari sinestaraztea eraberritu garela, gure eguneroko miseriei berrekiteko aski indar bildu dugula, alegia. Zorionekoak gu.
news
argia-66ba542384d9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/lore-hautsetan-mezalagun.html
Lore hautsetan mezalagun
Jakoba Errekondo
2017-07-02 00:00:00
Lore hautsetan mezalagun Udaberria zaigu loreen sasoia. Ez da bakarra, ordea; loraldia ez da urte osoan amaitzen, bukatzen ez den emana da loreena. Etengabeko lore batean bizi gara. Aurten oraindik ahorik, ez abereenik ez segarenik, ezagutu ez duten belazeak ikusgarriak daude, lore desdetxa! Lorez lore dabiltzanen hegaldien zunburrunak sinfonia dirudi. Etxeko teilatuaren hegalpean dugun erle-eultzea denak emanda dabil, sasoi honetan aspaldiko urteetako erle dantza handiena sumatzen dut. Izan ere, bada loretik! Eta loreak polinizatzailea behar. Polinizazioa aise ulertzen da: loreko aieka arrak sortzen duen lore hautsak edo polen aleak beste lore bateko aieka emera iritsi behar du. Emean gauzatuko du ernalketa polenak. Lore hautsak loretik lorerako bide hori nola egiten du? Zubilan hori noren ardura da? Haizeak lan ederra hartzen du, espezie askoren mezalagun bikaina da. Beste espezie ugarik animaliak behar dituzte urgazle. Batzuek animalia jakinekin dituzte tratuak lotuta. Horiek estutasun handiak izan ditzakete animalia hori galbidean sartzen bada. Badira polinizaziorako animalia asko erabiltzen dituzten landareak; horiek samurragoa dute etorkizuna, baten faltan beste batek egingo dizkie-eta bereter laguntzaile lanak. Bereter, urgazle, mezamutil, laguntzaile... Norbaiten premian dira landareak. Haiek erakartzeko eta bere lana saritzeko, loreak usainak, kiratsak, koloreak, formak eta abar sortuko ditu: "txerrimuniak ordainetan". Loratzen diren landareen lautik hiruk polinizatzaileren bat behar du. Horietatik mila inguru txoriak, saguzarrak edo ugaztun txikiak dira. Beste berrehunen bat mila intsektu dira: euli, tximeleta, kakalardo, inurri, liztor, erlastar, sits, erle... Gure elikaduraren hirutik bat haien esku dagoela esan ohi da. Zaindu ditzagun: ez erabili pestizidarik eta utzi loratzen belaze eta landaredi naturalei. Eta, gerezi bat edo pipermin bat ahoratzen duzunean, gogoan izan intsektu urgazleak.
news
argia-873de405bbe5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/askapena.html
30 urte mugaz gaindi eragiten
Iker O�ate Aiastui
2017-07-02 00:00:00
30 urte mugaz gaindi eragiten Askapena erakunde internazionalistak hiru hamarkada daroatza Euskal Herriaren eta munduko herrien artean elkartasun zubiak eraikitzen. Ezin uka, aldaketa ugari dakartela 30 udaberrik; are gehiago, borrokan murgildurik dauden lurraldeez edo herri zapalduez mintzo bagara. Horretaz jakitun, garaian garaiko beharretara egokitzeko neurriak hartu izan ditu Askapenak, beti ere, sortze egunean finkaturiko oinarrizko balioak mantenduz. Aintzat hartu beharrekoa da 1979an Nikaraguan pizturiko Iraultza Sandinista, Euskal Herriko mugimendu internazionalista –ez, Askapena– aztertzean. "Nikaraguako prozesuak euskal herritarron kontzientziak astindu zituen. Hala, mugaz gaindi zegoenaren inguruko jakingura piztu zitzaigun", dio Juan Jose Peciñak, Askapenako kide ohiak. Kanpo gatazkekiko kezkak bultzaturik, antolatzeari ekin zion gizarteko sektore batek; tokian tokiko talde internazionalistak sortu ziren. Euren arteko harremana bermatzeko, bestalde, Euskadiko Elkartasun Komiteen Koordinakundea jaio zen; Euskal Herriko erakunde internazionalistak batu zituen askotariko jendea aurki zitekeen batzarrean. "Erakunde anitza zen. Beraz, internazionalismoan sakontzen hasi ginenean, askotariko estrategiak agertu ziren", dio Peciñak. Besteak beste, koordinakundean, ezbaian zegoen Euskal Herriak nazioarteko elkartasunean izan beharreko rola. "Gehienok, Euskal Herrian diseinaturiko internazionalismoan sakontzeko garaia zela uste genuen, gu ere gatazkan murgilduriko herria baikinen. Modu horretan, joan-etorriko elkartasuna zegokeen erdigunean", argitu du Peciñak. Ordura arte, beste herriekiko elkartasunean besterik ez zuen sakontzen koordinakundeak: "Soilik eman egiten genuen, ezer jaso gabe". Hori horrela, erakunde internazionalisten estrategia aldaketa eskatzen zuen aldarria indartzen zihoan; eta, horrek, eragina izan zuen hurrengo urteetan internazionalismoaren praktikan. Aipaturikoa agerian geratu zen 1987ko urriaren 7an Zarautzen eginiko batzarrean, bitan zatitu baitzen Euskadiko Elkartasun Komiteen Koordinakundea: Askapena eta Komite Internazionalistak eragileak sortu ziren egun hartan. Beraz, 1987an hasi zen Askapenaren ibilbidea. Europako borroken presentzia Garaian garaiko egoerara moldatu beharra izan du Askapenak, tarteka, estrategien norabidea aldatuz. Bide horretan, 90eko hamarkadaren amaieran –batez ere, 1994ko altxamendu zapatistaren ostean– Europako herri zapalduekiko elkartasunean sakontzea erabaki zuen, ordura arteko jarduera zokoratu gabe. "Europako herri zapalduekiko elkartasunean sakondu behar genuela konturatu ginen, gure guda zelaia den aldetik", azaldu du Goienetxeak. Hori horrela, Korsika, Bretainia eta Eskozia bezalako herrialdeetara hedatu zuten jarduera esparrua. Europako herriekin elkarlana indartzen jardun du Askapenak azken urteetan. "Europan gogor dihardu inperialismoak. Tresna zapaltzaileak sortzen ditu; eta, horren aurka egin beharra dago. Europako beste erakunde batzuek ere borroka berdinean dihardute, beraz, lagungarri zaigu haiekin estrategiak elkartrukatzea", esan du Goienetxeak. Zeregin horren bueltan dute, adibidez, NATOren aurkako borroka. Brigadak, formazio iturri Askapenaren estrategiaren barruan, garrantzia handia ematen diote formaziori; brigadak antolatzen dituzte horren bidean. Askapena sortu aurretik jaio zela brigaden egitasmoa: 1984an antolatu zen Euskal Herriko lehen brigada, Nikaraguarekiko –funtsean, Iraultza Sandinistarekiko– elkartasunean sakontzeko eginiko nazioarteko topaketaren ostean. Garai hartan, batez ere, laborantza kooperatibetan edo eraikuntzan laguntzen zuten brigadako kideek. "Asko ikasten genuen brigada horietan", dio Peciñak. Bide horretan, urteek aurrera egin ahala –eta, batez ere, 1987ko estrategia aldaketaren ostean–, Askapenak garrantzia handia eman dio militanteen eta brigadako kideen formazioari; brigaden egitasmoan esku hartzen duenak ez duela zertan erakunde internazionalistako militante izan. "Beste herrietako egoera ezagutzen ez badugu, ezinezkoa da haiei elkartasuna adieraztea. Inguruko injustiziekiko ezjakina den gizartea eraiki gura du sistemak. Beraz, horren aurka egin beharra dago", azaldu du Peciñak. Finean, brigadako kideak eurak dira Euskal Herriaren eta beste herrien arteko zubi lana egiten dutenak. Behin norakora helduta, brigadako kideena da Euskal Herriko egoeraren inguruko informazioa eskaintzearen ardura. Horrez gain, kontrako bidea ere eurei dagokie, hau da, mugaz gaindiko herri horiei buruzko informazioa ekartzea; hitzaldi, tailer eta gisako beste ekimenen bidez.  Esan moduan, erakunde internazionalistak joan-etorriko harremanean dihardu beste herriekin. Euskal Herriaren Lagunak (EHL) sarea da etorriko harremanaren adierazle argiena. Bestetik, gaur-gaurkoz, harrera ona du Askapenaren brigaden egitasmoak. Aurtengo brigadetan 65 bat lagunek parte hartuko dute. Jada hasiak dira aurre lanketarekin. "Formazio saio minimoak jasotzeaz aparte, garrantzitsua izaten da brigadako kideak elkar ezagutzea, gero, denbora luzea igaro behar izango baitute elkarrekin", dio Goienetxeak. Aurtengoan, Argentina, Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko, Venezuela, Kuba, Palestina, Herrialde Katalanak, Bretainia-ZAD eta Italiara egingo dute bisita Askapenako brigadek. Oro har, 2017ko brigada kanpainari dagokionean, "irakurketa positiboa" egin du Askapenak. "Jendearen interesa pizten jarraitzen dute brigadek; eta, gainera, sekulako prestutasuna agertzen dute izena ematen duten horiek", azaldu du Goienetxeak. Dena den, Askapenak ere badu meriturik egitasmoaren arrakastan: hiru hilabeteren buruan brigadei buruzko 70 hitzalditik gora eskaini dituzte. 30 urteak, ospatzeke Lanerako ez ezik, aisialdirako tartea hartzea komeni da usu. Bada, bide horretan dihardute Askapenako kideek, 30. urteurrenaren ospakizun egunaren antolaketan murgildurik. Jada finkatuak dituzte eguna eta lekua: urriaren 7an elkartuko dira Berriozarren. Egun osoko egitaraua prestatzen dihardute; besteak beste, ekitaldi politikoa, bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte, hiru hamarkadetako brigada kideak elkartu nahirik. Urteurrena ospatzeko hautaturiko lema ere jakinarazi dute: Borrokak uztartzen, herriok burujabe!. "30 urte hauetan borroka anitz ezagutu ditugu; lagun ugari egin dugu bidean. Hori horrela, borrokak uztartzen dihardugu, hein bateko burujabetza bermatuko baitute aliantzek", dio Goienetxeak.
news
argia-d6208e6540d7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/napoka-iria.html
"Jakin behar da egindako bideari bukaera ematen, berriak irekitzeko"
Lander Arretxea
2017-07-02 00:00:00
"Jakin behar da egindako bideari bukaera ematen, berriak irekitzeko" 2017/07/07an, Eibarko Koliseoan. Hori da Napoka Iriaren 12 urteko ibilbideari bukaera emango dion kontzerturako hitzordua. Bi urteko geldialdiaren ostean, zaleen galderak behin betiko isilarazi eta agurreko kontzertua egitea erabaki dute. Laster utziko duten entsegu lokalaren ondoko tabernan elkartu gara Miren Narbaiza eta Ander Mujikarekin, ibilitako bideari begira jarri eta topa egiteko. Nahigabe, baina, berriketak beste toki batzuetara ere eraman gaitu. Urte batzuk beranduago ezagutu zintuztegun askok. Nolakoa zen Napoka Iria horren urrun dirudien 2005 hartan? Miren Narbaiza: Gogoratzen dut ezagutu ginela Legarreko entsegu lokaletan, Eibarren. Orduan Ander Arte Ederrak ikasten ari zen Leioan, eta ni oraindik batxilergoan nenbilen. Gauza asko deskubritzen dira adin horretan, eta gu hasi ginen leku guztietan elkar topatzen… Ander Mujika: Sortu genuen talde bat lau lagunekoa. "Loess", zuen izena. Entsegu batzuk egin, eta pare bat kontzertu eman genituen soilik. Haietako bi musika elektronikoarekin lotutako beste bide batean murgildu ziren, eta gu biok Mirenen abesti batzuekin hasi ginen probak egiten. Kontzertu batzuk eman, eta Legarren grabatu genuen gure lehenengo maketa, sei kanta zituena. Zer etortzen zaizue burura orain sei kanta haiek entzutean? Gainditu dute urteen azterketa? A. Mujika: Niri, orain entzuten jarrita ere, asko gustatzen zait maketa hura, benetan. Bi egunetan grabatu genuen, eta oso freskoa iruditzen zait. Baditu hobetu daitezkeen gauzak, noski, baina oso txukuna da. M. Narbaiza: Egia esan oso ondo dago, bai. Soil soila da, oso duina. Oraindik ere identifikatuta sentitzen naiz kanta haiekin, eta zuzenekoetan ere jo izan ditugu batzuk: Kea , adibidez, ordukoa da. Lehenengotik azkenekora: 2013an, Arnasten ikasteko berriz kaleratu zenuten, askok idatzi zuenaren arabera, zuen lan biribilena. Gogoan dut Lugaritzeko lehen kontzertuan sarrerak agortu zirela. Zuentzat ere izan zen disko hura halako inflexio puntu bat? A. Mujika: Kualitatiboki diskoan aldaketarik izan bazen, batez ere izan zen askoz gehiago landu genuelako, askoz ordu gehiago eskaini genizkiolako. Urtebete lehenago gure lanak utzi genituen Napoka Iriarekin buru-belarri jartzeko, eta erabaki horrekin batera, urte oso bat eman genuen diskoa prestatzen. Grabaketa bera ere luze joan zen, eta diskoan nabaritzen da. M. Narbaiza: Jendearen harrera ere oso ona izan zen. Orduak sar ditzakezu baina horrek ez du bermatzen arrakasta izango duzunik. Egia da disko horrekin emandako kontzertuak, bai Lugaritzen, baita beste tokietan ere, sekulakoak izan zirela. Aurretik asko jotzen genuen, eta ez genion horregatik kontzertu txikiak emateari utzi, baina egia da orduan iritsi ginela beste publiko batengana. 2005etik ikasketekin edo lanarekin uztartu eta gero, nolakoa izan zen Napoka Iria zuen ogibide (ere) egitea? M. Narbaiza: Erabakia erraza izan zen. Kontzertu asko ari ginen ematen, eta biok geunden gure lana uzteko gogoz. Ilusioa ere bagenuen. Gogoratzen dut, hala ere, lagunei kontatu eta susto aurpegia jartzen zutela. A. Mujika: Beldurrak ere bagenituen noski. Presioa sortzen da: dirua behar duzu, azken finean, eta horrek gauza asko aldatzen ditu. Eman zigun aukera ordu eta esfortzu pila Napoka Iriari eskaintzekoa; baina aldi berean presio horrek ikuspegia aldarazten dizu, eta desgastea ere badakar. Hala ere, alderatuta nik aurrez nuen lanarekin, oso garai polit eta atsegin bezala gogoratzen dut. M. Narbaiza: Oso desberdina da zuk zure eguneroko ogibidea izan eta asteburuan oholtzara ondo pasatzera ateratzea, edo aste guztia egotea astebururako prestatzen. Ondo dago, denbora asko eman diezaiokezulako, baina orduan beste aspektu batzuez ere arduratu behar zara. Norbaitentzat lan egiten duzunean deskonektatu dezakezu, guk ez. A.Mujika: Dena den, ordurako kontzertu asko ematen genituen beste lan batekin uztartzea ia ezinezkoa zen. Bata edo bestea aukeratu behar genuen eta ez genuen zalantzarik egin. Argazkia: Dani Blanco. Pertsona mordoxka ere ezagutu duzue 12 urte hauetan. Kanpotik ikusita badirudi badagoela talde ugari, nolabaiteko arrakasta lortu duena, eta estilo desberdinak izan arren, kolaboratu eta harremantzeko joera handiarekin: Willis Drummond, Anari, Joseba B. Lenoir… Eta tartean zuek. M. Narbaiza: Egia esan, orain oso modu naturalean egiten dugu, baina egia da 2005ean pentsaezina egingo litzaigukeela Anarirekin jotzea. A. Mujika: Niretzat, adibidez, Felix Buff-ekin jotzeko aukera eduki izana izugarrizko zortea da oraindik ere. Egia da jende pila ezagutu dugula, ez bakarrik musikariak, baita borondatezko lanarekin gaztetxe eta antzekoetan programazioa antolatzen ari den jende asko ere. Horrek sostengatzen du gure zirkuitua, eta horietako asko lagunak ditugu orain. M. Narbaiza: Hala ere, arrakasta esaten denean… ez dakit ba nik hala den. Uste dut badaudela talde gutxi batzuk jende asko mugitzen dutenak, baina neurri batean, jendeak utzi diola zuzenekoetara joateari… Joaten gara festibaletara edo gustuko ditugun talde horiek ikustera, baina ez zer den ez dakigun talde hori ikusi eta ezagutzera, adibidez. A. Mujika: Niri ez zait gustatzen jende gutxi mugitzen dela esatea. Baina egia da, adibidez, festibalak ez direla batere toki atsegina musikaz gozatzeko: jende gehiegi, prezio garestiak, artistak urrun… Gutxietsi egiten dira eszenatoki eta leku txikiak, baina niretzat, ia dena da hobea halako tokietan. Telebistan ere zuen agerpena izan zenuten, Tumatxak saiorako hainbat kantaren bertsioak eginda. Nahikoa egiten du EITBk euskarazko musika eta sormena sustatzeko? A. Mujika: Tumatxak oso ondo egindako saioa zen, eta guri aukera ederra eman zigun: bai beste publiko batengana heltzeko, baita askatasun handiz sormen ariketa desberdin bat egiteko ere. Azken aldian ETBn egin den gauza onenetakoa da, baina geroztik ezer gutxi… Uste dut ez dugula ezer berririk esaten, ETBrekiko etsipena adierazita. Hain gutxi gustatzen zait sustatzen duen eredua. M. Narbaiza: Salbuespenak badaude. Lehen aritu gara, adibidez, Ur Handitan saioko musika hautaketa txalotzen. EITB Kultura Transit saioa ere badago, eta oso gauza txukunak egiten dituzte, baina gero desorduetan bakarrik ematen dituztenak. A. Mujika: Azken finean, Euskal Herriko kulturaren erakusleihoa da, edo izan behar luke. Halako tresna indartsua izan, eta kulturari hain toki gutxi ematea, penagarria da… Zertarako eta Telecincoren pareko edukiak egiteko… Arnasten ikasteko berriz ondorengo elkarrizketa batean zenioten hurrengo disko bat prestatzen hasteko gogoz zinetela… Badago entsegu lokaletik atera gabe geratuko den abestirik? M. Narbaiza: A bai? Ez dut gogoratzen. Ideia eta inprobisazio batzuk agian bai, baina abesti osorik ez da gelditu entzun gabe, ez… Gainera uste dut Arnasten Ikasteko berriz -etik kanpo ere ez genuela kantarik utzi. A. Mujika: Lagatzeko erabakia hartu aurretik hasi ginen kanta bat prestatzen Bonberena Ekintzak-en 20. urteurrena dela-eta egin duten disko baterako. Baina horri forma ematen hasi ginenean erabaki genuen taldearen ibilbidea amaitzea. Derrigorrezko galdera da: zergatik? Miren Narbaiza: "Orain nire proiektu propioan nahi dut sakondu, Mice-n: hurrengo udazkenerako diskoa prestatu nahi dut" M. Narbaiza: Gauzek ez zutelako lehen bezalako naturaltasunez funtzionatzen. Biok sentitu dugu aldatu garela, egon garela bi urtez burua beste gauza batzuetan izaten, eta ni neu adibidez, berriz hasi naizenean saiakeran, desberdin sentitu naiz, beste gogo batzuekin. Hori konpartitu nuen Anderrekin eta naturaltasunez hartu dugu erabakia. A. Mujika: Duela bi urte geldialdia egitea erabaki bagenuen izan zen nekatuta geundelako, behar genuelako arnas pixka bat. Bi urte horiek eta gero, ez genuen garbi zer egin, eta egin genuen proba. Ez dugu aurkitu lehen genuen konexio hori, eta ez zuen zentzurik esfortzu bat egin behar izateak… M. Narbaiza: Errespetu eta maitasun handia diogu elkarri, eta hori horrela izanda, zintzotasunez jokatu eta uztea zen onena. A. Mujika: Ez da erabaki dramatikoa izan. Jakin behar da bukaera ematen, gauza batzuk amaitzen, beste batzuekin hasteko. Gainera, itxiera ematea ere bada aukera bat atzera begira jarri, egindako lana baloratu eta eskerrak emateko. Horregatik agur kontzertua… A. Mujika: Bai, nahi diogu bukaera eman, guregatik, baina jendearekin eta jendearentzat ere bai. Berriz gozatu kanta horiek guztiak… Ander Mujika: "Anarirekin ari naiz jotzen, Jabier Muguruzaren disko berria prestatzen eta musikari lagunei kontratazio kontuak ere eramaten hasi naiz" M. Narbaiza: …eta merezi duen itxiera eman. Bikote batek harremana uzten badu batek ez duelako telefonoa hartzen, badago itxi gabeko zerbait. Guk, gozatuz, ospatuz, nahi dugu bukatu. Napoka Iria ez da gehiago eszenatokietara igoko, baina zuek bai. M. Narbaiza: Ni Drumkopters eta Perlak taldeekin nabil jotzen eta Joseba B. Lenoir-ekin ere bai. Baina orain nire proiektu propioan nahi dut sakondu, Mice-n: indarrak horretan jarri eta hurrengo udazkenerako diskoa prestatu. Pauso handia da, baina badut gogoa. Lehenengo aldia da izango da ni bakarrik, nire buruarekin eta nire buruaren kontra ariko naizena. Eta zu, Ander? A. Mujika: Oraintxe bertan Anarirekin ari naiz jotzen, eta aldi berean, Jabier Muguruzaren disko berria prestatzen. Musikari lagunei kontratazio kontuak ere eramaten hasi naiz, Amoranterekin eta abar, eta horrek ere hartzen dit denbora pixka bat…
news
argia-c71ecc5282cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/bake-prozesua-frantziako-hedabideetan.html
Gainditu beharreko harresia
Jenofa Berhokoirigoin
2017-07-02 00:00:00
Gainditu beharreko harresia Azken urte hauetan, Euskal Herriko bake prozesuaren alde dabiltzanen mezua entzun edota irakur daiteke noizean behin Frantziako komunikabide nagusietan. Eramandako pedagogia lan alimale baten uzta da. Orokorrean, aspaldian nagusi den Frantziako eta Espainiako gobernuen tesia delako plazaratzen. Gaia Frantziako komunikabideen bidez zabaltzeko oztopo potoloak dituzte konponbidearen alde ari direnek, eginahala gainditzen saiatzen diren trabak. Izan France Culture irratian emankizun bat ala erredakzio-bulegoa Parisen daukan egunkari handi batean erreportaje bat, badirudi azkenean euskal gatazkak Frantziako komunikabideetan kokatzea lortu duela. Are gehiago, badirudi bake prozesuan alde dabiltzanen diskurtsoak tokitxo bat kausitzen erreusitu duela. Horretaz galdetuz gero, salbuespenekin orokortasunik ezin dela egin diote  konponbidearen alde dabiltzanek. Jean-Pierre Massias bake prozesuetan aditua den zuzenbide irakasleak horrela borobiltzen du paisaia mediatikoa: "Aieteko Konferentziaz geroztik tratamendu mediatikoa bestelakotu da, baina horrek ez du erran nahi haien irakurketa dudan ezarri dutenik". Lan handia da Aipamen bat izateko lan handia eraman behar dela ohartarazten du Jean Noël Etxeberri Txetx -ek. Bake artisaua eta Bizi!-ko militante ekologista da, eraman aldarriak komunikabideetan kokatzeko lan handia egiten du: "Euskal Herriko Laborantza Ganbararen auziaren garaian, Le Monde egunkariaren lehen orria egin genuen; baina hori lortzeko bi aste pasa behar izan nituen Parisen, goizetik arrats, hitzorduz hitzordu, etenik gabe gaia esplikatzen. Komunikabideen pareta hau zeharkatzeko eraman beharreko lana alimalekoa da". Bake Bidea-ko Maitena Thikoipek ere anitz daki lanketa horretaz. Behin baino gehiagotan entzun izan du Parisko kazetarien partetik konponbidearen gaian ez dagola "nahiko mamirik" edota "ikaragarriko tabua" dagoela. Tendentzia aldatu nahian bake prozesuaren azaltzeko helburua finkaturik du Bake Bideak. Komunikabideek rol garrantzitsua dutelako jokatzeko. Massiasek argi du: "Gatazkaren konponbidea iritzi publikotik iragaten da; bultza dezake edo oztopa dezake. Horregatik dira komunikabideak ezinbesteko, eragin handia dutelako iritzi publikoan". Madrilen ahotik Orokorki begiratzen bazaie, irakurketa bera gelditzen dela dio Thikoipek: "Hiztegi eta diskurtso ezberdinak kausitzen ditugu artean, baina oraindik Frantzia –eta beraz Espainiaren– diskurtsoa da nagusi. Aspaldiko logika Etxeberrik oroitarazten duenez: 1983. urtean Espainiako Gobernuak ETAri eta orokorki abertzale ezkertiarrei aurre egiteko aurkeztu ZEN Planean ( Plan Zona Especial Norte ) kapitulu bat zute Maitena Thikoipe, Bake Bidea: "Berrikuntza eta ausardia puntu bat beharko dugu, ondoko pausoei buruz interesa pizten segitzeko" n komunikazioari zuzenduta. Hori horrela, gertakizuna Parisen edota Baionan gertatu arren, segipena sistematikoki Madrilgo berriemaileen esku gelditzen da. Tratamendu "higuingarria", Etxeberrik ohartarazten duenaz. Gainera, Paristik kanpo gertatzen den aktualitateak komunikabideetan kokatzeko zailtasunak dituela ohartarazten du bake artisauak: "Frantzian soilik existitzen dira Parisen existitzen diren gaiak". Adibide argiena aldaketa klimatikoari begira antolatu Alternatiba herrixkenak du. Baionan hasi eta hainbat herrietan egin izan dituzte, milaka herritar batuz aldi oro; Alternatiba Tour itzulia ere egin zuten bizikletez Frantziatik, Euskal Herritik eta beste herri batzuetarik pasaz. Hala eta guztiz ere, arras gutti aipatu zen eta interesa berantago, Parisen antolatu herrixkaren lehen edizioan agertu zen. Bake prozesuari doakionez, aldaketa 2015eko ekainaren 11n sentitu zuten. Egun horretan burutu zuten Legebiltzarreko azpiko solairuan, Paris Euskal Herriko Bakearen Alde konferentzia. "Eboluzioa oso argia zen: sistematikoki Estatuaren tesia zabaltzen zebiltzan komunikabideek ikuspegi ezberdina hartu zuten. Zinezko iraultza mediatikoa izan zen orduan", Massiasek oroitzen duenaz. Beste elementu bat ere bada hartzeko Thikoiperen iritziz. Charlie Hebdo -ren egoitzan gertatu atentatuak ekarri kontzientzia hartzea. Egoera ezberdin batzuk estaltzeko terminologia bera erabili izanaz ohartu ziren: "Euskal gatazkaren izaerari berriz begiratu zioten eta arras hermetikoa zen hesia orain ez da hain hetsia". Batez ere, Luhusoko atxiloketekin begi-bistakoa gelditu zitzaien kazetariei gaiaren ez-ezagutza. Luhusokoaren osagaiak Atxilotuen lau eguneko galdeketa aldian, komunikabideetako mezua erabat eraldatu zen: lehen orduetan agertu Espainiaren tesitik hasi eta honen zentzugabekeria azaltzeraino. "Operazio franko-espainiarra nahaspila bilakaturik" edota "ETAren aurkako operazioa gogorki kritikaturik" irakur zitekeen titular gisa. Lehen orduetan jaso informazio ofizialak errealitatearekin bat ez zuela egiten konturatu ziren asko. Apirilaren 8ko armagabetzea arte presente egon zen gaia. Funtsean, armagabetzearen egunaren berri Le Monde -k eman zuen, informazioa luze eta zabal azalduz. Segipen hori azaltzeko orduan Etxeberrik hiru elementu zehazten ditu: komunikabideekin garatu harremana, interesa sortzen duen gai bat, "espektakulua" bazen (Guy Debord pentsalariak kontzeptualizaturiko "espektakulu " nozio soziopolitikoari segi) eta aldeko testuingurua (tartean, jihadisten ekintza terroristekin bukatzeko nahia Frantzian zein nazioartean). Jean-Pierre Massias, bake prozesuetan aditua: "Gatazkaren konponbidea iritzi publikotik iragaten da; bultza dezake edo oztopa dezake. Horregatik dira komunikabideak ezinbesteko, eragin handia dutelako iritzi publikoan" Komunikabideen kontzentrazio eta pribatizazioaren testuinguruan, "espektakulu" nozio hori kontuan hartu behar dela dio Etxeberrik. "Logika kapitalista batean dira, informazioa saldu behar dute eta salduko den gaia nahi dute. Hori jakinda, zure mezuaren jarraipen mediatikoa helburu baldin baduzu, interesa pitzaraziko dien kontakizun edota ekintza formak asmatu behar dituzu". Ohartarazte horri gehitzen dio ondoko oharra: "Arras argi dugu forma egokitzeko orduan mami politikoa ez dela moldatu behar". Mediatizazio bilatze hori helburu bat lortzeko edota norberaren burua babesteko izan daitekeela dio. Apirilaren 8ko biharamunean haatik aldaketa sentitu zuen Thikoipek: "Betiko diskurtsoa zen berriz, aski okaztagarria, sinesgarritasuna kenaraziz ekimenari". Kontua da Frantziako komunikabideentzat ere Madrildik etorritako berriemaileak zirela egon Baionan, Madrilgo soaz begiratuz gaiari. Geroari begira, kazetariekiko harremanak sortzen eta lantzen segituko dutela dio Bake Bideako kideak. Beste elementu bat ere zehazten du: "Berrikuntza eta ausardia puntu bat beharko dugu, ondoko pausoei buruz interesa pizten segitzeko". Ondoko hitzordu nagusia Parisen ukanen dute: euskal preso politikoei inposaturiko salbuespen neurrien salatzeko mobilizazioa.
news
argia-9ee828fad6eb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/gogoa-eta-lana-erraldoiak-badira.html
Gogoa eta lana erraldoiak badira...
Iker Barandiaran
2017-07-02 00:00:00
Gogoa eta lana erraldoiak badira... Tolosako Bonberenea Gaztetxearen inguruan eraikitakoa eguneroko lanaren emaitza da. Hogei urte pasa dira Bonberenea izenpean lehen Gaztetxea okupatu zutenetik eta hamabost Bonberenea Ekintzak plataforma egituratu zutenetik. Inguruko talde eta proiektuei zein umezurtz zeuden bidelagunei aukera eskaini zieten kalitatezko estudioa eraiki eta lanak plazaratzeko, bitariko konpromisoa, gertutasuna, gardentasuna eta profesionaltasuna bermatuz. Hala, Tolosako ekimenak lortu du, olatu komertzialetik at egonik ere, zeresana ematen dabilen talde multzoa bere katalogoan egotea. Aurretik kaleratu izan dituzten Suffle bildumatan egiaztatu dugu nolako komunitatea osatu duten, eta orain inguruan lanean dabiltzan hogeita bat talderen kantuak batu dituzte, ia guztiak aurretik argitara eman gabeak. Ezagunek zein ezezagunek dute trataera bera; horixe eta talde berriei laguntzeko nahia baitira ezaugarri nagusienak, estiloetatik harago. Bildumako lehen CDa gogorragoa da doinuz, besteak beste, hardcorea etxearen historiaren alderdi garrantzitsua izan delako. Fer Apoak gidatutako Estricalla horren eredu. Desagertutako Camsa-ren ondoren bizirik dirauen 25th Coming Fire dator gero, eskola zaharreko hardcorearen zaindari. Stanislav izenpean berpiztu da Ladislao hardcore-punka. Umilitate da Zarauzko crust-aren oinordeko; eta Anestesia eszena horretako basapizti hilezkorra. Eraso! zazpi bizitzako metal eta rock dotorezia. Humus aurre-Bonberenearen post-rock beteranotasuna. Zea Mays kamaleoien gisa berrasmatzen den musikazale amorratu koadrila. Sofa, esperimentazioa eta gaztetasuna. Anger arrazoi on baten alde hausnarketak dantzan jartzeko konfabulazioa. Eta, azkenik, sistema hau arrakaletatik eraginda eztandarazi nahi duen Matxura. Bigarren CDak bestelako tonu eta doinuak ditu bere baitan: gazteak errimaz esnatzen dituen –a ze marka!– Glaukoma. Luzaroan gerizpean egonagatik distiratsu eta emankor darraien Libe. Ardo gisa onduta eta jantzi berri rockeroarekin Han! Bertsoetatik rockerako ibilbidea ziztu bizian egin duen Bi Bala. "Gutxiagorekin gehiago" filosofia barneratutako zakur zaharrak, Belarmiñak gisa. Historiako lezioak modu itsaskorrenean gure egiten maisu Fiachras. Dantza, parranda eta adarjotzea batzen duen Ze Esatek. Belaunaldiz belaunaldi espiritu gazteari eusten dion Atila y Los Unos. Bonberenea Txaranga eta Sofabeltz: estilo eta formatuetatik harago, sorkuntza askea! Goazen dantza iraultzera: Anai Arrebak. Eta adin zein bestelako egitura zurrunei barre egiten dien Pirritx, Porrotx eta Marimotots su txikiei duten garrantzia aitortuz.
news
argia-01c19a39ac0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/zintzarriak-eta-joareak.html
Zarata ala musika?
I�aki Sanz-Azkue
2017-07-02 00:00:00
Zarata ala musika? "Hau duk miseria!" esan du Joxe Luix Beasainek. Eskuak urritz-makilan jarrita dituela, begirada galdua balu bezala, inguruko bailaretara zuzentzen ditu begiak. "Hau duk tristura hau..." esan du jarraian. Joxe Luix bezala, parean ditugun bailaretara begira geratu gara gu ere, bere begiek ikusi dutena sumatu nahian edo. Alferrik gabiltza, ordea. Joxe Luixek ez du ezer ikusi. Isiltasuna entzun du. Ardirik eta zintzarririk gabeko mendiaren isiltasuna. "Hemen ardiak? Denean! Ba al dakik zenbat ardi ibiltzen zen?" esan digu. "Etortzen hituen mendira martxo-apiril aldera eta abuztuan ematen genizkian bibelarrera, baserrira, ahariarekin biltzeko" jarraitu du. Joxe Luix Beasain Barberua ardi artean jaio zen eta ardi giroan igaro ditu bere bizitzako momentu gehienak. Aitona artzaina, aita artzaina eta bera ere artzain ibilia baita Hernaniko Ereñotzu auzoan, Urumeako bailaran. "Sasi-ardiak eduki nizkian. Baita behiak ere: betizuak!". Gure elkarrizketa, ordea, sasi-ardi eta betizuen bidetik atera gabe hizketaldi luze eta ezezagunean sartu da. Nork pentsatuko zuen gaur soinu, zarata eta musikaz hizketan jardungo ginenik. Nork pentsatu gaur zintzarriak izango zirela gure elkarrizketaren erritmoa markatuko zutenak. "Boza" duten zintzarriak eta zintzarri "motelak" Beasainek mimoz eta maitasun handiz gordetzen ditu urteetan zehar bere ardiek eta behiek erabilitako zintzarriak. Eta oso ondo daki zein zintzarrik duen soinu polita, zein zintzarrik pattala:  "Honek soinu itsusia dik, hau moteldua zagok" esan digu zintzarri txiki bat astinduaz. Zintzarria bezala, gure belarriak ere "motelduak" egon, eta ez dute soinua horren itsusi hartu. Gure aurpegia ikusita, Beasainek dena ulertu du: "Egon, egon. Ikus ezak hau, ikusi. Honek soinua kategorikoa dik" esan digu beste zintzarri bat hartzen duen bitartean. Eskuan hartu, eta alde batetik bestera astindu du. "Aditzen al duk? Honek tiiiiinnn berezi bat dik, zintzarri honek beste boza bat dik". Soinu bat, ardi bat Beasainek 95 ardi izan zituen eta haien herenak, 30 inguruk, zuten zintzarria. Zein ardiri jarri erabakia "formaren arabera edo ardiaren izateko eraren arabera" hartzen zuen. "Artzain bakoitzaren burutazioak izaten hituen: ardi honek muturra kurbatua zuela, hau txikiagoa zela…" artzainak berak erabakitzen zuen nori jarri. Ardi bakoitza ezagutzen zuen moduan, ardi bakoitzak bere izena zuen bezala, jakiten zuen zintzarri bakoitzaren soinua zein ardiri zegokion. "Ikusi nahiz ez ikusi, zakar artean edo garopean ibiltzen hituen sasi-ardiak eta zintzarri soinuarekin jakiten genian 'holako ardi han zegok'". Artzainaren belarri finek ondo asko ezberdintzen baitute bere artaldeko zintzarri bakoitza. "Eta oraindik ere ezagutuko nitian". Bere ardiekin batera, bailara berean ibiltzen ziren beste artzainen zintzarriak ere ezagutuko lituzkeen galdetuta barrez erantzun digu: "Bereiziko ez nitian ba! Aditzea nahikoa izaten nian!". Gogoan du Beasainek oraindik ere Oiartzun inguruan mendian zintzarria aurkitu zuenekoa. Aitajauna oiartzuarra zuen eta hari erakutsi zion. Aitajaunak zintzarria astindu, soinua entzun eta ez omen zuen dudarik egin: "Hau halako baserrikoa duk". Begira geratu gatzaizkio Beasaini. Ulertu du barruan dugun galdera: "Eta zintzarria beste artzain bati lapurtuz gero, kontuz, e? Hire ardiari jartzen badiok segituan ezagutuko dik!" esanez bukatu du kontakizuna. Musika mendian Kartola bailarako mendietan oteak, larrak, txilarrak eta iratzeak estaltzen zituzten basorik gabeko gune bakanak. Sasi-ardia bertan ibiltzen zen, garopean, landare artean, artzainaren begietatik ezkutatu nahian bezala. Urumea bailarako mendi hegal malkartsuek ez zioten artzainari bertan gora eta behera ibiltzeko aukera askorik ematen. Beasainek, ordea, ondo ikasia zuen bere lana. Gune garai batean zutik jarri, eta bailarara begira geratzen zen, geldi, isiltasunean. "Han holako ardi dago, han halako betizua, han beste hura…" eta pixkanaka pixkanaka, zintzarrien soinuek esaten zioten non zebilen bakoitza. "Horrelaxekoak hituen gure funtzioak!" esan digu. Zintzarriaren soinuak belarri guztietara ez du uhin bera bidaltzen. Egungo hiritar askorentzat zarata iturri baino ez dena, Beasain bezalako artzain askorentzat zintzarri soinua berezia da: "Hori izaten huen gure musika!". Gure mendietan urtez urte itzaltzen joan den musika. ZINTZARRI ETA JOARE MOTAK - Bildots-joarea edo zintzarri-kalaxka txikia edo txakur txintxarria: Bildotsarentzat. - Ardi-joarea, laukantoikoa edo zintzarri-kalaxka: Ardientzat. - Ardi-joarea (borobil formakoa): Ardientzat. - Joare-larria edo zikiro-joarea: Ardiari edo zikiroari jartzen zitzaion. - Dunba txikia: Ardientzat. - Behor-joarea: Behorrari jartzen zitzaion. - Dunba: Zikiroari jartzen zitzaion. Ardiarentzat handi xamarra bazen ere, bidean joateko ere jartzen zitzaion noizbehinka. ZINTZARRIAREN ATALAK - Garoia: Bertatik sartzen da uztaia. - Uztaia: Gaztainez gehienetan edo haritzez egina izaten zen. - Zintzarria edo joarea: Txapaz edo letoiz eginiko zatia. - Mingaina: Behien adarra edo idiarena izaten zen normalean. Egun plastikozkoak izaten dira.
news
argia-7b13d7a244f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/francisco-iturrino.html
Abangoardia halako bat
Xabier Gantzarain
2017-07-02 00:00:00
Abangoardia halako bat Aita zuen Mutrikukoa, farozain bidali zuten Kantabriara, han jaio zen Francisco Iturrino Gonzalez (Santander, Espainia, 1864ko irailaren 9a - Cagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924ko ekainaren 20a). Bilbon bizi izan zen oso gaztetatik. Gerora mundua izango zuen bizitoki, bizigarri, bizibide. Liegen egin zituen ingeniaritza ikasketak, Belgikan, familiak hala nahita, eta 1895ean iritsi zen Parisera. Emaztea haurdun duela, pintore izatea erabakita. Hor dago, normala da, Notre Dame da liluratzen duena, sinbolo bat ordurako seguru asko, postal bat ere bai, hemen egon naiz, ikusi dut mundua. Baina artistari askatasunaren alde egitea aitortu behar zaio. Zeru horiek, gorde gogoan zeru horiek. Ez dira urte asko Van Goghek bere buruaz beste egin duela. Espresionismoaren urterik oparoenak urrun daude oraindik ordea. Paris bolborategia da, eztanda egiten du tarteka, joera berriak sortzen dira sarri-sarri, Toulouse-Lautrec bat, Vuillard bat, Bonnard bat; mugimenduak daude, aldizkariak, esfera publikoa artearen balioaz eztabaidan ari da. Ambroise Vollard galeristak erakusketa eskaini zion, 1901ean, orduan inork ezagutzen ez zuen pintore batekin: Pablo Ruiz Picasso. Batzuk diote Picassoren espainoltasuna azpimarratzeko baino ez zuela aukeratu Vollardek Iturrino. Berdin da. Ez da edozein. Vollard bera izan zuen erosle nagusia garai batean. Aldaketa garaia da, aldatzen ari da Iturrino ere, ez dio estilo bati eusten itsu-itsuan. Eraginen arabera ari da hazten, batzuk nabarmenak dira: Cezanne, Matisse. Laguna du. Berekin egiten du bidaia Marokora. Liluratuta daukate argiak eta emakumeek. Tarteka paisaiak egiten ditu, Mutriku, Algorta, baina gehienbat figurak, emakumeak. Eta figurak diruditen jardinak, hangoak eta hemengoak, kolorez gainezka, fauvismoaren abisu.
news
argia-29f76cad083c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/isiltasunaren-geruzak.html
Isiltasunaren geruzak
Iratxe Retolaza
2017-07-02 00:00:00
Isiltasunaren geruzak Duela hiruzpalau urte agertokietan gorputz harturiko Arrastoak antzezlanak, Dejabu Panpin Laborategiaren ibilbidean temati azaleraturiko egoerak jorratu zituen: (des)errotzeranzko bideak, isilduriko zauriek utzitako orbanak, memoria gorpuzteko ariketak eta abar. Liburuan geruzaz geruza azaleratu dira antzezlan hartan gorpuzturiko hainbat ikuspegi artistiko. Gorpuztearen geruza. Lur protagonistak familiako zauri baten arrastoari segituko dio, ama hil berritan; bilaketa horretan bidaide izango ditu aita, Marga lankidea eta Roberto psikoanalista, eta etengabeak izango dira genealogia afektiboen inguruko hausnarketak. Antzezpenaren oihartzunak gogora etorrita ere, irakurraldiak pertsonaiak zein eszenak beste modu batera gorpuzteko aukera ematen digu irakurleoi: gorputzak hurbilagotik eraikiko ditugu, edo bestelako perspektiba batetik; Bittori txotxongiloari jada hezur-haragizko gorputza irudikatuko diogu, eta abar. Testugintzaren geruza. Euskal antzerki idatzi eta inprimatuak joera nagusi bati lotu zaizkio: antzerki-testua hartu izan da antzezpenaren abiaburu eta aingura. Antzerki-argitalpen gehienek, gainera, sari bat izan dute akuilu, eta kasu horietan, gehienetan antzerki-testu inprimatua baizik ez da hedatu. Arrastoak liburuan antzerki-testuaren beste ikuspegi bat hedatu da: testu dramatikoa antzezpenaren arrastoetariko bat baino ez da, sormen-prozesuaren adarretariko bat baino ez. Arrastoak liburua, hortaz, antzezpenaren arrastoak biltzeko ariketa da; eta liburuaren bihotzean kokaturiko argazki-bildumak ere antzezpen-uneen memoria biziberritzeko balio du (eta antzezlanean bertan argazkiek ere memoria biziberritzen diete pertsonaiei). Sortzaileen geruza . Antzezpenaren eta sormen-prozesuaren inguruko hariak eta oihartzunak ere bildu dituzte: besteak beste, sormen-prozesua suspertu duten esperientziak bildu dituzte (ametsak, galera pertsonalak, irakurgaiak, antzezpenak, sortzaileak...). Oharretan bada nitasunik, baina esperientzia pertsonal horiek gutasun baten barruan kokatu dira, sormen kolektiborako pizgarri izan direlako. Objektuen geruza. "Dramaturgiaren zirkuluak" atalean, poetikaren ardatzak aletzen dituzte, eta horietan azkena, "objektuen memoria": "Baina espazio baten sintesiaz gain, objektu horrek emozio bat ere ekar dezake". Arrastoak liburuaren irakurraldia amaitzean, halako sentsazioa izan dut: antzezpenaren memoriaren arrastoak objektu bilakatu dituela, emozio-kaxa bihurturik; era berean, erresonantzia-kaxa baten gisa, espazioan zein denboran (des)errotzearen inguruko emozio zein galdera berriak sortu ditu. Liburuak, beraz, adarkatzeak sortu ditu Arrastoak egitasmoan.
news
argia-95ee82eb2714
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/bitcoin.html
Bitcoin
Mikel Zurbano
2017-07-02 00:00:00
Bitcoin Duela aste gutxi wannacry izeneko birusak kaosa hedatu zuen Britainia Handiko ospitaleetan, Espainiako Estatuko telefonian eta Errusiako Barne Ministerioan. Birus gaizkileak artxiboak enkriptatu egin zituen eta egileek ordaina eskatu zuten artxibo horiek itzultzeagatik. Baina, erreskatearen ordaina gauzatzeko ez zuten txanpon arrunta edo urrea eskatu baizik eta bitcoina. Txanpon hau lehendik ere erabili izan da negozio ilunen ordaina gauzatzeko garaian. Bitcoina guztiz deszentralizatutako ordainketa sistema bat da eta bere trukeak bankuen edo estatuen bermerik gabe egiten dira. Bere jatorriaz ezer gutxi dakigu, programatzaile batek –edo batzuek–2009an asmatu eta bideratu zuela soilik. Txanpon birtuala da bitcoina, protokolo informatiko zorrotza betetzen baitu 2008. urtetik. Izan ere, binakako sistema erabiltzen du on-line ordainketak egiteko, konfiantzazko hirugarren pertsona edo instituzio baten tutoretzarik gabe. Ohiko diru sisteman banketxeek elkartruke guztiak kontrolatzen dituzte. Bitcoin sisteman erabiltzaileak dira berdinen arteko edo P2P sarean argitaratzen diren elkartrukeak balioztatzen dituztenak eta era guztiz anonimoan egiten dira. Beraz, ez dago bitartekorik, ezta ere txanpon hori jaulkitzen duen instituziorik, protokoloak aurreikusten baitu bitcoinen sorrera. Bitcoinak interneteko plataforma batean eros daitezke dibisa ofizial ugariren truke, eskaintzak eta eskariak finkatzen duten tasan. Hots, trukagarria eta diru ofizialen lehiakidea da bitcoina. Azken buruan, txanpon "librea" da,  inork ezin baitu bitcoina kontrolatu, monopolio publikoa den diru arrunta edo bankuek sortutako diru estrukturala ez bezala. Ezaugarri hauek direla-eta, edonolako esku hartze publikoaren aurkakoak diren ekonomialari ultraliberalek bitcoinaren aldeko jarrera dute. Hauen ustez bitcoinaren hobariak ugariak dira: unibertsala da, edonon erabil daiteke, bitartekorik gabekoa da, elkartruke kostuak minimotzen ditu, ordainketa egiterakoan anonimotasuna gordetzen du eta, beraz, kapitalen eta zergen kontrola saihesten ditu. Txanpon birtuala da bitcoina, protokolo informatiko zorrotza betetzen baitu 2008. urtetik. Izan ere, binakako sistema erabiltzen du on-line ordainketak egiteko, konfiantzazko hirugarren pertsona edo instituzio baten tutoretzarik gabe. Ohiko diru sisteman banketxeek elkartruke guztiak kontrolatzen dituzte. Bitcoin sisteman erabiltzaileak dira berdinen arteko edo P2P sarean argitaratzen diren elkartrukeak balioztatzen dituztenak eta era guztiz anonimoan egiten dira Baina, txanpon birtual honen arriskua bistakoa da. Bitcoinaren sareak ez du inolako arau edo erregulazio sistemarik horrela eraiki dutelako berariaz, lege edo arau jurisdikziorik gabeko sare gisa alegia. Erregulaziorako autoritaterik ezean jendeak sarbide anonimoa du sarean eta bertan mugarik eta kontrolik gabe dihardu. Horrenbestez, bitcoinaren erabilera bere sistema ondo ulertzeko eta bere arriskuak jasateko ahalmena duten teknologoentzako da egokia. Pirateria kasuetan bezala, elkartruke sare hau maiz izan da ziber-erasoen biktima eta erregulaziorik ezean kaltetutako erabiltzailea erantzuteko ahalmenik gabe aurkitzen da. Are gehiago, bere balioa oso hegakorra da, txanpon ofizialekiko gorabehera indartsuak izan ohi ditu bere historia laburrean. Gaur egun bitcoina, ordainketarako bitartekoa baino gehiago espekulaziorako aktiboa da, arrisku handiko aktiboa. Haatik, bere kopuruak gora egin du nabarmen urteotan, bost mila milioiko dolarreko kapitala osatzeraino. Ekonomia digitala bultzatzen ari da erakunde eta enpresa erraldoi ugarik bitcoina onartzen baitute gaur egun. Haatik, bere hedapenak eta balioztatzeak ez du urreak bezala oinarri fisikorik edo diru ofizialek bezala herrialdearen BPGrik atzean. Zerk sostengatzen du bada? Bere balioa gorakorra izango delako ustea, eta hau da, hain zuzen ere, ohiko burbuilaren definizioa.
news
argia-270a5c06593a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/momietatik-dena-aprobetxatzen-da.html
Momietatik dena aprobetxatzen da
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-07-02 00:00:00
Momietatik dena aprobetxatzen da Erromatar Inperioa, K.o. I. mendea. Plinio Zaharrak (23-79) jaso zuenez, betuna sendagai gisa erabiltzen zen: zauriak eta azaleko gaixotasunak sendatzeko, haginetako mina arintzeko edo, ardoarekin nahastuta, beherakoa eteteko. Greziarrek ere erabiltzen zuten; asphaltos esaten zioten. Persiarrek, aldiz, mumia deitzen zioten eta hortik dator "momia" hitza. Izan ere, egiptoarrek betun modukoak eta erretxinak erabiltzen zituzten gorpuak kontserbatzeko. Antzinaroan, substantzia organikoen nahasketa beltza lortzeko iturri bakarra zuten: Itsaso Hilaren inguruko biltegi naturalak. Baina Egiptoko momia zaharrak aurkitu zituztenean substantzia beltz likatsuz estalita zeudela konturatu ziren, erretxinak denboraz belztu egiten baitziren. Ustez, sendagai mirakulutsuaren iturri alternatiboa topatu zuten. XII. mendetik aurrera, substantziaren izen persiarra gorpu osoa izendatzeko erabiltzen hasi zen, eta betunaren ahalmenak ere momia osoari egotzi zizkioten. Sinesmen horri merkatarien marketina gehituta, Erdi Aroan momiak salgai gutiziatu bihurtu ziren. Milaka momia eraman zituzten Europara, han birrindu eta hauts moduan saltzeko. Hautsa hartzen zuenak momien botere misteriotsua lortuko zuen. Momiak lortzea geroz eta zailagoa zenez, prezioek izugarri egin zuten gora. Zenbait oportunista momiak ekoizten hasi ziren orduan: inork nahi ez zituen gorpuei betuna ematen zieten eta eguzkitan lehortzen uzten zituzten momia-hautsa lortzeko. Europan XVIII. mendera arte kontsumitu zuten plazebo garestia. XIX. mendean gizarte viktoriarreko eliteek beste erabilera bat eman zieten gorpu baltsamatuei: momiak biluzteko festak antolatzen zituzten. Ikuskizun batzuk etxeetan egiten zituzten, jende gutxirekin; beste batzuk antzokietan, eta sarrerak berehala agortzen ziren. 1908an Margaret Murray egiptologoak Nekht-ankh eta Khnumu-Nekht anaien momiei bendak kendu zizkien eta gorpuak aztertu zituen 500 pertsonaren aurrean. Momiak magikoak ez zirela erakutsi nahi zuen, misteriorik gabeko gorpu arruntak zirela. XVI. mendetik aurrera, momia-hautsa pigmentuak egiteko ere erabili izan zen. Edward Burne-Jones (1833-1898)  margolari ingelesak momia-marroia izeneko pinturaren osagai nagusiaren berri jakin zuenean, estudioan zeuzkan kolore horren flasko guztiak hartu eta duintasunez ehortzi zituen, profanatutako arrastoek, azkenean, atseden har zezaten.
news
argia-e20f8bb236a8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/onatiko-ikasleak-galdezka.html
Zergatik du hizkuntza batek beste batek baino botere handiagoa?
Ainhoa Bretos
2017-07-02 00:00:00
Zergatik du hizkuntza batek beste batek baino botere handiagoa? Udalak euskalduntzen ari diren arren, udalerriak erdalduntzen ari direla adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Horren aurrean, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzeko hezkuntza proiektua jarri du martxan UEMA osatzen duten herrietako ikastetxe guztietan. Oñatiko Txantxiku Ikastolan eta Elkar Hezi Ikastetxean izan da ARGIA. 2015ean ikerketa abiatu zuen UEMAk, udalerri euskaldunetako ikasle eta irakasleek euskararen soziolinguistikaren inguruan duten pertzepzioa ezagutu ahal izateko. Jasotako emaitzekin materiala bildu eta Arnasguneen hezkuntza proiektua izeneko egitasmoa jarri du abian. Helburua ondorengoa da: ikasleak hizkuntzen arteko harremanez jabetzea. Izan ere, UEMAko teknikariek garrantzitsutzat jo dute ikasleak haur direnetik euskal hiztun gisa ahalduntzea, errealitatearen analisia egin ahal izateko. Horretarako, soziolinguistika gaiak landu dituzte DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. 2017ko urtarrilean eta otsailean izan ziren Oñatiko Elkar Hezi Ikastetxean eta Txantxiku Ikastolan, ordu eta erdiko saio bi talde dinamiken bidez lantzeko. "Gure hizkuntza gertuko herrietara zabaltzen lagundu beharko genuke" Hainbat ikaslek azaldu dutenez, hasiera batean ez zuten uste ikastaro horrek eraginik eduki zezakeenik haiengan. Gerora, ordea, garrantzizko lanketa iruditu zitzaiela esan dute. Itziar Alonso Elkar Heziko ikaslearen hitzetan: "Hasieran pentsatzen nuen ez genuela behar, guk euskaraz hitz egiten dugulako beti, naturalki. Baina gero konturatu nintzen gu garela arnasgune ez diren herriei lagundu behar diegunak euskararen erabilera sustatzen". Hizkuntza gutxitua normaltasunez erabiltzeko baldintzetan dauden herriak dira, kasu honetan, arnasguneak. Hortaz leku bateko hizkuntza nagusia euskara denean, toki hori euskaldunontzat arnasgunea dela esan genezake. Kontzeptua ez dago zabalduta eta, ondorioz, euskaldunen hizkuntz komunitatearentzat betetzen duten lidergo papera ere ez da ezaguna askotan. Hala ere, euskararen iraupena bermatzeko arnasguneak ezinbestekotzat jo ditu UEMAk. Hori dela eta, euskararen normalizazio prozesuan arnasguneetako herritarren lidergoa kokatzea garrantzitsua dela azaldu du. Horren harira, Elkar Heziko ikaslea den Jon Aranzabalek uste du oñatiarrek "erantzukizun handia" dutela arnasgune ez diren herriei euskaraz egiteko joera transmititzeko, "beraiena ere bada euskara, eta hori erakutsi behar diegu". Antzekoa pentsatzen dute Miren Santos eta Leire Egaña Txantxiku Ikastolako ikasleek: "Arnasguneetan bizi garenok paper garrantzitsua jokatzen dugu euskararen sustapenean. Gure hizkuntza gertuko herrietara zabaltzen lagundu beharko genuke". Izan ere, herritik irteterakoan gaztelaniaz hitz egiten dutela esan dute hainbat ikaslek, bestela ulertuko ez dituztela uste dutelako. "Erdaraz ikusi behar ditugu telesailak, ez daukagulako beste aukerarik" Ikastaroan landutako jarduera bakoitza hausnarketa labur bat egitera bideratuta egon da. UEMAk azaldu duenez, ikasle bakoitzak bere ibilbidea, hausnarketa edo iritziak emateko bidea lantzen du proiektuak. Jordi Sanchez Elkar Heziko ikasleak, esaterako, katalanaren egoerarekin alderatu du euskararena: "Katalanaren erabilera samurragoa da, bertakoek gehiago zaintzen dute hizkuntza, instituzioetatik ere bultzatzen delako. Hemen jendea eroso bizi da gaztelaniaz. Zertarako ikasiko dute euskaraz gaztelaniaz bizitzeko arazorik ez badute?". Euskara teknologia eta berrikuntzetara egokitzea oso garrantzitsua dela ere aipatu dute hainbat ikaslek, horiek erdaraz kontsumitzeak "eragin handia" duelako haiengan. Txantxiku Ikastolako Danel Iñurritegiren ustez, oraindik ez dago gazteentzako "kalitatezko programaziorik euskaraz": "Askotan erdaraz ikusi behar ditugu telesail eta programak, ez daukagulako beste aukerarik, eta horrek ere bere ondorioak ditu, batez ere gazteenengan". Literaturaz ere aritu da Elkar Heziko Oihana Urzelai: "Euskal idazle batzuek pentsa dezakete gaztelaniaz idazten badute salmenta handiagoak izango dituztela. Baina gehiago hurbilduko dira bere publikora euskaraz idazten badute". Izan ere, azaldu du euskara ez dela besterik gabe hizkuntza bat, "euskara kultura da, gure kultura, eta zabaldu beharra dugu, bestela gure euskaldun izate hori galduko dugulako".   "Inkontzienteki egiten dugun horrek balore handia du" Ikastaroa praktikan jarri aurretik, hainbat behar identifikatu zuen UEMAk. Besteak beste, azaldu zuen testuinguru eleanitzean bizi diren ikasleek ez dutela euskararen normalizazio prozesua modu sakonean barneratuta: galera prozesua, berreskuratzeko beharra, hizkuntza hautuak kontzienteki egin beharra, eta abar. Hori dela eta, ikasleek euren hizkuntza praktikei buruz hausnartzea beharrezkoa dela ikusi zuten. Eta ikastaroaren bidez, euskararen egoeraren aurrean erantzuteko beharra dagoela ikusarazi nahi izan diete ikasleei.  Horietako gehienek adierazi dute Oñatin euskaraz hitz egitea naturalki ateratzen zaien zerbait dela, eta ez zekitela zer nolako garrantzia duen. Horrela azaldu du Elkar Heziko Ione Urbinak: "Ikastaroak balio izan dit euskarak bizi duen egoeraz jabetzeko, azken batean, guk inkontzienteki egiten dugun horrek balore handia du". Horren harira, herritik irtendakoan gaztelaniaz hitz egiteko duten ohitura aldatu behar dutela esan dute askok, eta egunerokotasunean euskaraz hitz egiten ez dutenei lagundu. Txantxiku Ikastolako Aritz Agirreren hitzetan: "Uste baino inportanteagoa da besteak euskaraz hitz egiten laguntzea. Oñatin euskararen egoera ona den arren, zenbait lekutan oso kaxkarra da. Gure herrian ere horrela amai genezake? Ez gara jabetzen gertatzen ari denaz eta eduki ditzakeen ondorioez. Erdarak botere handia du". "Botere" horren inguruan mintzatu dira ikasleak. Gaztelaniak indar handia duela eta euskara jan egiten duela aipatu dute batzuek. Beste hainbat galdezka aritu dira: "Zergatik du hizkuntza batek beste batek baino botere handiagoa? Nork ematen dio horrenbesteko indarra gaztelaniari, ingelesari edota frantsesari? Zergatik iruditzen zaigu euskara beste hizkuntza batzuk baino ahulagoa dela?". Galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz, horrela azaldu du Elkar Heziko Marina Elorzak: "Joera handia dugu pentsatzeko euskara hizkuntza txikia edo ahula dela. Baina ez da horrela. Ikastaro honetan ikasi dudan gauzarik garrantzitsuenetariko bat da, euskara ez dela ahula berez, ahulduta dagoela zenbait tokitan, eta gure esku dagoela indartzea".
news
argia-ec65b44745c5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/tarana-karim-azerbaijangoa-hernialden.html
"Hemengoek ere hurbildu behar dute kanpotik etorri garenongana"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-07-02 00:00:00
"Hemengoek ere hurbildu behar dute kanpotik etorri garenongana" Batzuetan, halaxe datoz gauzak. Ostiralerako egina duzu hitzordua Tarana Karimekin, Tolosan, han baitabil eragin eta astindu aktibista azerbaijandarra, eta zenbait egun lehenago, galderak prestatzen ari zarela, hara non Mursegok bi kantu zabaltzen dituen, Oiongo herritarrekin batera eta elkarbizitza sustatzeko ondu duen diskoaren aurrerapen. Elkarrizketara bidean, ezin ezpainetatik kendu egoerari propio jarria dirudien doinua: "Ni ez naiz zu / eta zu ez zara ni / baina biok batera bagara". Hasteko, zure burua aurkezteko eskatu nahi nizuke. Tarana Karim naiz, azerbaijandarra, han jaioa eta hazia. 15 urte egin ditut Euskal Herrian bizitzen, ikasten, nire umeak hazten… Nire bizitzagatik edo jatorri ezberdina dudalako, egunerokoan borroka egitea eta estereotipoak apurtzea tokatu zait, beraz duela hainbat urte borrokalari bihurtu nintzen, kanpotar eta emakume bezala bereziki. Zuzenbidea ikasi zenuen jaioterrian; horrek ba al du loturarik zure borroka-grinarekin? Nik esango nuke nire borrokatzeko grina neure egunerokotik datorrela, beharretik. Zuzenbidea ikasi ala ez, horrek eragiten du, noski, badakizu zeintzuk diren zure eskubideak, baina pertsona bezala, momentu batean konturatzen zara gauzak ezin direla horrela izan, aldatu behar direla eta badagoela beste modurik gauzak egiteko. Nolatan etorri zinen hona bizitzera? Gazteagoa nintzen eta nire gizartean oztopo batzuk aurkitu nituen lan aldetik. Han nengoela, nire bikotekidea ezagutu nuen, eta hemengoa zen. Donostiara iritsi nintzen, eta hortik jarraitu dut. Zer oztopo aurkitu zenuen jaioterrian? Azerbaijan, herri bezala, oso polita da: natura, kultura aberatsa… Turismoa egiteko, ederra da. Bertako jendearentzat, berriz, gero eta traba handiagoak daude; gaur egun diktadura bat da: ez daukazu askatasunik, internet kontrolatuta dago, komunikabideak itxi dituzte, gauzak egin nahi dituen jendea kartzelaratu… Nire garaian, lanera eta unibertsitatera sartzeko orduan, ustelkeria handia zegoen, eta okerrera egin du horrek ere. Dirurik ez badaukazu, ezin zara unibertsitatera joan ezta ametsetan ere; ofizialki publikoa da, doakoa, baina diruaren bidez funtzionatzen du denak. Hango jendearentzat oso zaila da bizitza. Zer moduzko bidea egin duzu hemen? Iritsi nintzen hizkuntza jakin gabe eta niretzat oztopo handia izan zen. Lan egiteko garaian zorte ona eduki dut, bazegoen beti norbait ingelesez moldatzen zena, eta berehala hasi nintzen lanean. Iritsi eta lehen lau urteetan, lana eta etxea, horiek ziren nire guneak, baina gero umeak jaio ostean ez nintzen hainbeste aritzen kanpoan lanean, eta denbora eman zidan hainbat gauzari buruz pentsatzeko. Parkera, liburutegira edo dendara joatean, konturatzen zara gizarteak nola hartzen zaituen. Jende askok espero du hemengoak bezalakoak bihurtuko garela, hemengoek bezala jokatuko dugula: hori prozesu bat da, eta prozesu hori egin nahi izanez gero, akaso zure bizitza osoa behar izango duzu horretarako. Edonola ere nik argi daukat ez dudala hori nahi: ez dut inor bihurtu nahi, nik nahi dut nire bizitza bizi tokatzen zaidan bezala. Argazkia: Dani Blanco. Nola hasi zinen hemengo gizartean zeure tokia egiten? Filtro moduko batzuk jartzen dizkizute: lehen, euskara zen filtro bat niretzat. Bertako pertsonak bildu ohi diren lekuetan, kanpoan geratzen zara. Ni hasi nintzen pentsatzen ea nola sar nintekeen toki horietan, zeren gizarte honetan bizi naiz, baina badirudi ez nagoela. Umeak pixka bat hazitakoan hasi nintzen Tolosako Udalak antolatzen zituen egitasmoetan parte hartzen, nire iritzia ematen… Gizarteko kidea naiz eta nahi dut dagokidan toki horretan egon, eta kontuan har dezatela nire iritzia. Euskara ikasi zenuen, filtroa pasa zenuen, eta gero… Euskaldunak biltzen diren lekuetara iritsi nintzen, eta hasieran harrituta begiratzen zidaten, baina gero ikusi dute hainbat gauzetara joaten naizela, eta ohitu egin dira. Egitasmo askotan nabil, saiatzen naiz parte hartzen eta nire kolektiboaren iritzia eramaten. Udalek esaten dute berdintasunaren alde daudela, bai, baina bertakoei ematen zaizkien aukerek agian kanpotarrei ez diete balio, beste behar batzuk dauzkagulako. Kanpotik etorritako emakumeek ez daukate hainbesteko sarerik eta hainbat egoeratan beste behar batzuk ditugu: hori kontuan hartu behar da politikak egiteko garaian. Bestalde, udalak edo elkarteek gauzak antolatzen dituztenean ez dute kontuan hartzen beste gizarte batetik datozen pertsonek beste erritmo bat daukatela: denontzako egitasmoak antolatzen dituzte eta esaten dute kanpotarrak ez direla joaten. Tira, agian kanpotik gatozenok ez ditugu gauzak horrela egiten: joan zaitez beraiengana, galdetu, ezagutu…. Azkenaldian Europako hainbat hiritan gertatu diren erasoen ondoren, alderik igarri duzue? Gaia okerrera doa. Musulmanak atera gara esanez eraso horiek egin dituzten pertsonak ez direla musulmanak baizik eta terroristak, eta uste dut horregatik gauzak argitu direla gizarteko arlo batzuetan behintzat, baina sare sozialetan, adibidez, egurra ematen digute ezker-eskuin. Gainera borrokan ari garen emakumeoi topikoak botatzen dizkigute, musulmanei eta matxismoari buruz: ez ditugu zertan halakoak onartu, baina nik ez diet halako pertsonei azalpenik eman nahi. Ulertu nahi baduzu nik zer egiten dudan, gustura azalduko dizut. Baina nahi dut hurbiltzea, ni neu hurbiltzen saiatzen naizen bezala euskal ohituretara. Bi aldetakoa izan behar du ahaleginak, hemengoek ere jarri behar dute interesa. Gogoan duzun egoera desatseginik? Adibidez, behin ertzaintzara joan nintzen, nire etxean lapurrak sartu zirelako, eta ertzaina hasi zitzaidan galdetzen ea bizi nintzen etxe hori alokatuta ote neukan, eta ea diru-laguntzarik jasotzen ote nuen, zeren hala izatekotan alokairuarena aitortu beharra neukan… Esan nion ogasunarekiko betebeharrak ondo beteak neuzkala; eta gainera, ertzaintzaren lana ez da hori: ni salaketa jartzera joan nintzen, lapurtu egin zidatelako. Baina zapia daramadanez eta abizen ezberdina daukadanez… Etxeberria edo Aranburu bat joango balitz, ez liokete halakorik esango. Hala ere, horrelako esperientziek, eta ez bakarrik nireek, ingurukoenek ere, tresnak ematen dizkizute, halakoak gertatzen direnean zer egin jakiteko. Halako egoeretatik ikasi egiten duzu, eta badakizu non jarri behar dituzun mugak. Halako bizipenak beste batzuekin konpartitzea lagungarria al da? Bai, gainera, beste emakume batzuek askotan kontatzen dute momentuan ez zutela jakin zer egin, eta orduan joaten gara elkarrekin, edo erantzuteko moduak aztertzen ditugu. Batzuek pentsatzen dute kanpotarrei edozer gauza esan dakiekeela, eta ez. Argazkia: Dani Blanco. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren gaiak ere harrotu ditu hautsak. Diru-laguntza hori edo beste edozein gauza kobratzeko baldintza batzuk bete behar dira: baldintza horiek betetzen badituzu eskubidea daukazu jasotzeko, eta kitto, berdin du nongoa zaren. Beste gauza bat da zenbait baldintza direla medio bertakoak kanpoan geratzen direla, laguntzak modu jakin batean antolatuta daudelako: hori ez da kanpotik etorri denaren errua. Gobernuari eskatu beharko litzaioke baldintzak aldatzeko edo laguntzak beste modu batean antolatzeko. Hona etorri zinenez geroztik, askotariko lanak egin dituzu, ezta? Kanpotar asko bezala, behetik hasi nintzen. Ostalaritzan ibili nintzen hasieran, eta 2003an hasi nintzen aktibismoan eta boluntariotzan, hona iritsi eta urtebetera, gehienbat kanpotarrak zebiltzan tokietan. Ostalaritzako lana 15 ordu da egunero, bizitza osoa pasatzen da han, baina tartea neukanean boluntario aritzen nintzen. Gero klaseak ematen aritu nintzen, ingeles eta errusierako hizkuntza-eskoletan, eta ondoren, Eusko Jaurlaritzak proiektu bat jarri zuen martxan, kanpotik etorritako umeentzat, eskolan lau hilabetez laguntza emateko: itzulpenak egin, azterketetan haiekin egon, medikura haiekin joan… Horretan aritu nintzen Gipuzkoako hainbat herritan, besteak beste Irunen, Andoainen eta Zizurkilen. SOS Arrazakerian lan egiten duzu orain. Nola hasi zinen horretan? Urte eta piko egin nuen motel lan aldetik, baina lanean gutxiago ibili naizen garaian aktibatu ditut emakumeen elkartea eta aktibismoa. Duela bi urte pasa hasi nintzen SOS Arrazakerian, eta hor lana eta aktibismoa batera doaz, ez da pastelak egiten aritzea bezala, horrelako lanak 24 orduz dituzu buruan eta bizitzan. Zer lan-ildo jorratzen dituzu elkarte horren barruan? Sentsibilizazioa jorratzen dugu, edozein diskriminaziori aurre egiteko, baina batez ere arrazakeriari eta xenofobiari. Arlo guztietan lantzen dugu: gizartean, erakundeetan, eskoletan… Nik proiektu hauek kudeatzen ditut: Bizilagunak proiektua, alegia bertako eta kanpoko familien edo taldeen arteko bazkariak; errefuxiatuei buruzko erakusketa, batez ere eskoletan lantzeko gaia; eta udaberriaz geroztik martxan daukagun beste egitasmo bat: "Emakume musulmana islamofobiaren aurka". Zertan datza azken hori? Emakume musulmanei prestakuntza-tailerrak eskaintzen dizkiegu islamofobia zer den ikusarazteko, zeren batzuek ez zuten ezagutzen: esaten ziguten gertatu zitzaiela hau, hori eta beste hura, baina ez zekitela hori islamofobia zenik. Oso emaitza onak bildu ditugu: maiatzean amaitu genituen tailerrak, eta emakumeak, nolabait esan, esnatu egin dira, ekarpenak egiten hasi dira, parte hartu nahi dute… Hori beharrezkoa da. Ni neu bere garaian konturatu nintzen horretaz ari dira orain beraiek konturatzen: "Leku bat daukat gizartean, eta parte hartu behar dut, ahal dudanaren barruan". Guztiok ez dugu berdin parte hartuko gizartean, jakina, baina bakoitzak ahal duena emango du, eta dagokiona hartuko. Uste dut gizartea hartu eta emaneko prozesu bat dela. Nola uztartzen dira islamofobia eta genero-zapalkuntza? Islamofobia musulmanen aurkakoa da, bai, baina emakumea zarenean okerragoa da, ahultzat hartzen zaituzte. Batzuetan, emakumeei esaten diete gizonei esan ezin dietena. Gainera, esaten digute gizon musulmanek zapaltzen gaituztela. Behin, islamofobiari eta feminismoari buruzko tailer batean nengoela, bertako emakume batek hauxe esan zidan: "Zapia jartzera derrigortzen zaituztete, ea noiz askatzen zareten!". Tailer feminista batean zegoen emakume batek, pentsa! Hauxe erantzun nion: "Aizu, goizero nik neuk jartzen dut zapi hau, ez daukat inor etxean zapia jartzeko agintzen didanik". Askotan, zapiarekin, bertako emakume asko baino askeagoa naiz. Buru barruan daukazun askatasuna, horixe da kontua; mundua nola ikusten duzun, zure bizitzaren jabe ote zaren… Horixe da askatasuna, eta ez zapia eramatea edo ez eramatea.
news
argia-b40610d712c0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/moda-jasangarria.html
Etiketak moztu, etikak josi
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2017-07-02 00:00:00
Etiketak moztu, etikak josi Zer dio arropak hura janzten duenaz? Zer ezkutazen du armairuan dugun kamiseta edota praka bakoitzak? Nork ekoiztu eta kontsumitzen ditu? Noiz erosten ditugu beharrak bultzatuta, eta zenbatetan kapritxoz? Hainbat solaskidek ehungintza eta modaren inguruan emandako azalpenek, janzteko baino gehiago eranzteko balio digute. Jantzi batek historia luzea du atzean. Haria eta oihala sortzetik, kolore, tamaina eta ehun desberdinen bitartez eta diseinu baten gidaritzapean josi eta saltzera. Sinplea dirudi, baina prozesu luze horrek faktore ugari barnebiltzen ditu: zein lehengai erabiltzen diren, nork egiten duen lana, nola pentsatzen duen diseinatzaileak, norentzat ekoizten den, nork eta nola erosten duen... Konturatu ala ez, ezaugarri horiek sistema baten baitan eraikiak dira eta eragin zuzena dute gure gorputz eta bizitzen baitan. Munduan bizi garen pertsona guztiok dugu janzteko beharra. Sistema kapitalistak, ordea, bere intereserako baliatu du modaren eta ehungintzaren industria, benetako beharra ongizatearekin nahastu edo ordezkatuta. Erropa erostea ohitura edo denbora-pasa bihurtzeak eta armairuak gero eta beteago izateak sistema bera elikatzen du eta balio hauek indarrean mantentzen ditu. Hala, ehungintzaren industria mundu mailako marka handiek gidatzen dute eta, zenbaitetan, lan esplotazioa, produktu toxikoen erabilera, osasun arazoak, gustuen manipulazioa eta publizitate sexista elikatzen dira, besteak beste. Hala ere, badira moda eta ehungintzaren sektore erraldoian bidexka berriak irekitzen ari direnak. Modaren aurkako moda Estetikatik harago modak zerbait gehiago kontatzen duela uste du Katalin Antxia Abasolo diseinatzaile aretxabaletarrak. The Modubat izeneko arropa marka sortu du, bere "ideologiaren ispilu" dena. Izenak dioen bezala, modari begiratzeko modu bat islatzen du, beste modu bat: "Moda industriaren atzean zer dagoen ikusten hasi gara pixkanaka eta ez dugu parte izan nahi; ez ingurugiroari egiten dion kalteagatik, ezta gizakiari ematen dion tratu erasokorragatik ere". Horren aurrean, kontsumitzeko, janzteko eta lan egiteko beste bide bat hautatu du: "Kontzientzia, koherentzia, asmo eta ideologiez batutako emaitza". Komunikazioan trebatu zen diseinuan hasi baino lehen eta gaur egun arropa bera du komunikatzeko tresna: "Komunikazio euskarri bat da moda, politika egin eta erakusten duelako". Dendetan aurkitu ezin duena sortzen duela azaldu digu, antiestetikan, errespetuan eta ongizatean oinarrituriko moda egiten duela: "Arauak haustea gustatzen zait eta nireak sortzea". Katalin Antxia, diseinatzailea: "Kontsumitzaile gisa ere badugu ardurarik. Begiratu arropa non ekoiztua izan den, marka horrek zer balore dituen... Gure dirua nora bideratu nahi dugun pentsatu behar da" Antxiaren lan egiteko modua bat dator slow fashion (moda lasaia) filosofiarekin. Denborari garrantzia eman eta prozesuaz gozatzean datza. Egun indarrean dagoen ereduak "moda azkarra" egiten du, bi astetan ehunka ekoizpen sortu eta tendentziak etengabe berritzen dira: "Tendentziek bi egunetan egiten dute ihes. Lan egieko modu horrek, gainera, kalitate txarreko arropak ekoiztea dakar eta hori lortzeko produktu toxikoak erabiltzea", dio Antxiak. Erritmo bizi eta estresaren aurrean, prozesu bakoitzari behar duen tartea ematea baloratzen du berak, "minimalista" bezala definitzen duen diseinuaz hausnartu eta irauteko produktuak sortzea. Behar adina denbora lanean, eta ahalik eta gehien soinean. Horretarako jasangarria izan behar du jantziak eta hori da Antxiak jorratzen duen beste baloreetako bat, osasunarekin lotzen duena: "Material naturalekin egiten dut lan; gehien gustatzen zaizkidanak direlako, eta jasangarriak". Erabiltzen dituen zuntz naturalak berriztagarriak diren iturrietatik datoz; "gizakia eta ingurugiroa errespetatzen duten prozesu eta materialak" baliatzen ditu. Hau guztia aurrera ateratzeak zailtasunak ere badituela aitortu digu: "Abilezia behar da eta oso arlo ezberdinetan gainera: hizkuntzak, komunikaziorako gaitasun propio ez nekagarri bat, adi egoteko gaitasuna, azoketan, magazinetan eta ekitaldietan parte hartzeko gogoa... ea hori guztia egiten dudan bitartean bezeroarekin nago kontaktuan, on-line denda ere nik eramaten baitut". Mundu zabalean, hamaika dira lehengai ekologikoak baliatzen dituzten proiektu jasangarriak: egoitza Bilbon duen Kameleonik markako espartinak, Xixqueta kataluniar markako artilezko jertseak, Xiroeco galiziar praka bakeroak, Ecoology etxeko arropa, kotoi organikoarekin egindako Mandacarú kamisetak, Rebelroot eta Peopletree produktuak, kamioien olanekin fabrikatutako Freitag poltsak, The circular project shop ekimena, gizarte-integrazioa helburu duen Teixedors kooperatiba... Interneten dituzten dendetan begiratua emanda, konturatu gara orotariko prezioak dituztela haien jantziek, pentsa daitekeenaren kontra posible dela gisa horretako produktuak patrika zulatu gabe kontsumitzea. Kontzientzia eta koherentzia Esan bezala, ideologia oso bat islatzen du Antxiak bere diseinuetan, ehungintzaren masa industriaren aurrean kontzientzia landu eta koherentziaz egin du bidea. Lan egiteko moldea bere bizimoduan bertan txertatzera iritsi da: "Konturatzen zarenerako bizitza estiloa aldatu duzu, kontuan hartzen baituzu, adibidez, tokian tokiko produktuak erostea, ahal den heinean, supermerkatuko eredua baztertuz". Zuzenean ekoizle eta bezeroekin lan egiten duela kontatu digu: "Bazterketa soziala pairatzeko arriskuan dauden emakume talde bati eskua luzatu eta beraiekin elkarlanean aritzen gara. Kontsumo-kultura kontzientea bultzatzen dugu gure ekintzetan". Erosle potentzial gisa, hausnarketara gonbidatu gaitu disenatzaileak: "Green Washing kontzeptua ezagutu behar duzue. Jasangarritasunera modu errazean batzen diren markak salatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetan masan ekoizten dutenak". Erosten duguna zalantzan jartzeko ideia luzatu digu: "Jantzien konposizioari begiratu eta egin beti naturalekiko aukera. Monomaterialek, hau da, %100 material berdina dutenak, erraz birziklatu ahal izango dira bere bizitzaren bukaeran. Begiratu ere zein markak ekoiztu duen, non ekoiztua izan den edota zeintzuk diren lan baldintzak. Interneten begira dezakezu. Bide batez, Fashion Revolution mugimenduaz informazioa jaso. Praka bakoitzaren inpaktu positiboa zein den ikusi, ingurigiroari, arlo sozialari eta ekonomiari dagokionez. Pentsatu zure dirua zein proiektutara bideratu nahi duzun. Sarri kristoren diskurtsoak ditugu baina ariketa hauek egitea falta zaigu". Bost euroko kamiseta bati buruz jakin behar duguna Europan kontsumitzen den arroparen %70 inguru Asian ekoizten da. Beste zertxobait Afrikako iparraldean eta Europako mendebaldean, ekonomikoki pobreen diren herrialdeetan hain justu. Ez dago argi jostunek zehazki non egiten duten lan, erabat deslokalizatuta baitaude. Industriaren sektoreko soldatarik baxuenak ehungintzakoak dira, 29 euroko praka batzuengatik 0,18 euro jasotzen dute langile batzuek. Aitortza gutxiko lana da eta langileen %80 emakume gazteak dira. 1990eko hamarkadan arroparen ekoizpena herrialde txiroetara eraman zen. Leku horietan soldatak merkeagoak dira, eta arropa markentzat irabaziak handiagoak. Legedia ere lausoagoa da, langileen eskubideak jasotzen dituzten araudirik ez baitute batzuek; ez dago sindikaturik eta langileek protestara jotzen badute zigorrak jasotzen dituzte. Bangladeshen manifestazio eta greba asko egin ziren iaz, soldatek duintasunez bizitzeko aukerarik ematen ez zutelako, eta langile asko kartzelaratuak izan ziren. Hori guztia ikusezina da, eta erosoa fabrikatzaileentzat. Hala salatu dute Arropa Garbia kanpainako kideek. Europako 15 herrialdetan dabiltza lanean. Arropa ekoizten duten langileen eskubideak hobetzea dute helburu eta horretarako ikerketak, salaketak, gobernu eta markei presioak edota kontzientzia kanpainak bultzatzen dituzte. Orain gardentasuna eskatzen ari zaizkie markei eta gobernuei, produktuen jatorria azaleratu dezaten. "Askotan ezkutuan daude langileak eta zerbait gertatzen denean ez dago erantzulerik", adierazi digu Iratxe Arteagoitia kanpainako kideak. Bangladeshen duela lau urte gertatutakoa jarri du adibide gisa. Eraikina erori eta 1.150 pertsona hil zirenekoa. "Nor izan zen erantzulea? Inor ez", dio. Fabrika eta enpresa horiek lokalizatuta egonez gero, marka bera izango litzake erantzulea judizialki eta politikoki. "Presio komunikatibo handia izan zuen gertakizunak eta horri esker lortu genuen  200 markek akordio bat sinatzea suteen eta bestelako istripuen aurka. Horregatik da garrantzitsua helaraztea denek egin dezakegula zerbait". Lehenik, gardentasuna The North Face, Desigual, Mango, Adolfo Dominguez, El Corte Ingles, H&M, Inditex, Adidas eta Nike dira, besteak beste, Arropa Garbia ekimenak begiz jotako markak: "Askotan langileak berak ez daki norentzat ari den lanean, ez baitira haiek etiketak jartzen dituztenak". Batzuetan, gainera, etiketa non jarri den aipatzen dute soilik, ez non josi den, nondik datorren kotoia, nondik datorren oihala, non moztu den...". Iratxe Arteagoitia, 'Arropa garbia' kanpainako kidea: "Asiako langileak lau hilabetez egin beharko luke lan berak jositako kamiseta erosi ahal izateko" Zergatik mantentzen da ordea ezkutuan? "Lan baldintzak oso kaskarrak direlako", dio Arteagoitiak. "Fabriketan eta euren etxeetan egiten dute lan langileek eta etxeetan normalean familia guztiak parte hartzen du. Ez dago inolako kontrolik". Langile gehienak emakume gazteak dira; kiroleko arropak eta baloiak egiteko material eta prozesuagatik, adibidez, esku txikiak behar dira,  emakume eta haurrenak. "Historikoki, gainera, joskintza etxeko lanbide gisa irudikatu da eta emakumeak izan dira etxean egon izan direnak. Halaber, emakumezkoen soldatak gizonezkoenak baino baxuagoak izan dira beti". Bere hitzetan, herrialde horietan ez dute beste lan baterako aukera handirik eta fabrikatzaileek hori baliatzen dute. "Kanbodian, adibidez, edo ez duzu lanik, edo jostuna zara, edo prostituzioan egiten duzu lan". Sektore honetan ere sexu-erasoak ematen direla salatu du: "Emakumeak kontrolpean izateko tresna eraginkorra dute". Horrez gain, kobratu gabeko aparteko orduak egiten dituzte, ehunka praka josi behar dituztelako astebeteren bueltan: "Eta gero prezioak ikusten dituztenean harrituta geratzen dira; lau hilabetez lan egin beharko lukete kamiseta hori bera erosteko". Osasunaren eta ingurugiroaren kaltetan Lan egiteko modua eta erabiltzen diren produktuak osasuna eta ingurugiroa kaltetzen dituztela esan digu Arteagoitiak. Bakeroak desgastatzeko teknikaz hitz egin digu: Hondar txorrotadak botatzen dira ehun bakeroaren gainera desgastatu itxura emateko, eta horrek silikosia deitutako arnas gaixotasuna eragin dezake, mehatzariek maiz pairatzen dutena. Hildakoak ere izan dira bakeroak desgastatzen ibili direnen artean. Oihalak moztea ere ez da osasungarria. Hautsa askatzen du eta hura arnastuta biriketara heltzen da. Gainera, ez daukate babes-neurririk, maskarak esaterako. "Kolore gorria modan dagoenean herrialde horietako errekak gorri bihurtzen dira", kexu da Arteagoitia, baliatzen diren tindagai eta produktu toxikoengatik. Greenpeace erakunde ekologistak pasa den urtarrilean salatu zuen hainbat marken mendiko arropetan produktu toxikoak aurkitu zituela. "Produktu toxiko batek ingurugiroari kalte egiten dio eta guk janzten dugun arropan dago. Orduan zer?", galdera airean laga du Arropa Garbia mugimenduko kideak. Kontsumitzaileen ardura Gisa horretako arropak fabrikatzen badira, erosi egiten direlako da. Hortaz, kontsumitzaileen kontzientzietan eragitea ezinbestekotzat jo du Arteagoitiak: "Batetik, zer erosten dugun jakiteko eta bestetik, guztion artean nolabaiteko presioa egiteko. Haien patrikari eragiten dionean hasiko dira aldatzen". Inditex multinazionalaren sortzaile Amancio Ortega munduko bost pertsona aberatsenetakoa  dela gogorarazi digu, eta haren produktuak herrialde txiroetan ekoiztu eta aberatsetan saltzen direla. "Eta gu geu herrialde aberatsetan bizi gara". Kontsumo katearen parte garen heinean, informazioa bildu eta mobilizatu egin behar garela dio. Ehungintzaren egitura aldatzea beharrezkoa dela uste du, arauak aldatuz gero osasuna, segurtasuna, negozio kolektiboa eta bizitza bera kontuan hartuko direlakoan. "Galdera ez da soilik zer eta non erosi, aukera desberdinak baliatzea baizik: arropa konpondu, bigarren eskukoa hartu, norbaitekin trukatu...". Saltoki txikien aldeko hautua egitea proposatu digu: "Gehienetan saltzailea bera da ekoizlea eta kontzientzia dute". Artilea balioestea xede Kontsumo katearen funtsezko osagaia  lehengaia da, jantziak egiteko baliatuko den materiala. Zentzu horretan, artileaz hitz egitea dagokigu, gaur egun balio gutxi duen lehengaiaz, maiz artzainek bota edo oso prezio baxuetan saltzen dutena. Badira, ordea, haren erabilera eta kontsumoa biziberritzea helburu duten egitasmoak, Sarako Iletegia proiektua esaterako. Artilea baliatuta koltxoiak, burkoak, kuxinak eta edredoiak egiten hasi ziren 2014an Aitor Zubillaga, Aña Andiazabal eta Joana Urbistondo. Ardi arraza bakoitzaren artilearen ezaugarriak ikusita, manexa eta ardi latxaren artilea erabiltzen dute Iletegian. "Laborari izanki badakigu ilea arrunt guti pagatua dela, 8 eta 12 zentimo artean kiloa, galtze bat dela laborarientzat", zioen Urbistondok Laborari aldizkariak iazko maiatzean egindako elkarrizketan: "Erran nahi duela mozketak gehiago gastu duela eta ardi ileak ez duela hori pagatzen. Behar dira zakuetan ezarri, urrun ekartzeko, eta urte bat berantago pagatua izaiteko. Batzuk erretze artio ailegatuak dira. Arazo handi bat bada horren inguruan eta etorkizunean ez dakigu nola pasatuko den. Kolektiboki pentsatu behar dugu zer egiten ahal den edo nola behar den pentsatu artileak balio bat izateko". Beste adibide bat Sandra Cliville artisauarena dugu. Urteak daramatza Ataungo Ustatxo Goikoa baserrian artilezko oihalak ehuntzen eta tinte naturalak ekoizten. Artzaintza ikasi zuen Clivillek, Arantzazuko Artzain Eskolan. Etxean badute artaldea, eta handik ateratako artilea lantzen du. Prozesu osoa garatzen du, natural lehortzen hasi eta ehundegian oihalak prestatzera. Petroliotik eratorritako zuntz sintetikoen aurrean, "material naturalen aldeko aldarria" egiten du, Aimar Maiz kazetariak Goierriko Hitzan plazaratutako artikuluan nabarmendu bezala. Lihoa lanbide zenekoa "Ehunak ehun lan", dio esaera zahar batek. Antzina, lihoak eta lihogintzak garrantzia handia zuen Euskal Herrian. XX. mendera arte, oihalak eta jantziak egiteko lehengaia izan zen, artilearekin batera. Pili Otaegi eta Koldo Jauregi larrauldarrek bertan lihoa lantzen zela ikertu eta frogatu dute, baita urtebetez lanbidea berreskuratu, prozesua ezagutu eta ezagutzera eman ere. Garai batean, liho landarea landu eta oihala sortzea lanbide bat zen, orokorrean emakumeek egiten zutena. "Askatasuna eta independentzia ematen zion lanbide honek emakumeari. Alargunentzat edo ezkongabeentzat bizibidea zen eta bere buruaren jabe izateko bidea zen lihoa, baita autoestimurako ere", dio Otaegik. Neskatoek 12 urte betetzen zituztenean gurasoek landa zati bat prestatzen zietela kontatu digute, hura lantzen hasi zitezen. Lihoari buruzko testigantza ugari jaso direla gaineratu du, baina emakumeen esku egon izanagatik, jarduera ezezaguna izan dela oro har. Jauregik kuriositatez galdetu zion aitari ea Katillutxulo iturriaren inguruko putzua zer zen. Aitak liho-putzuak zirela erantzun zion. 1976. urtearen bueltan izan zen hura, baina duela urtebete arte ez zen buruan zuen ideiari forma ematen hasi. Senak gidatuta, herritarrei galdezka hasi zen berriro ere, eta haiek kontatutakoei tiraka liho putzua berreskuratze bidean hasi zen, Dina7 Kultur Elkartearen eskutik. Naturak bere egina zuen putzua, sasiz eta harriz inguratuta. Hura garbitu, berreraiki eta urez bete zuten 2016an. Bitartean, liho-soroa ere sortu zuten. Datu guztiak liburu batean bildu dituzte eta bideo bat ere ateratzeko asmoa daukate. Iaz erakusketa paratu zuten herrian, lihoaren garapen guztia azaltzen zuena, hazi izatetik alkandora bihurtzeraino.
news
argia-7a37ceea4b20
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/zazpi-herrialdeetako-sagardoa-hendaiako-sagarno-egunean.html
Zazpi herrialdeetako sagardoa Hendaiako Sagarno Egunean
Garazi Zabaleta
2017-07-02 00:00:00
Zazpi herrialdeetako sagardoa Hendaiako Sagarno Egunean Ekainaren 17an egin zuten Sagarno Eguna Hendaian. Duela hogei urte inguru hasi ziren egun hori ospatzen, baina urte pare bateko deskantsuaren ondoren, iaz berreskuratu zuen ekimena Baleak elkarteak. Aurtengo festan egon da nobedaderik: Zazpi herrialdeetako Sagarno Eguna izan da Hendaiakoa, lehen aldiz, Jesus Arzallus Baleak elkarteko kideak azaldu bezala: "Zuberotar bat aurkitu genuen, Iruriko auzapeza, sagardoa egiten hasia zena. Orduan ikusi genuen posible zela zazpi herrialdeetako sagardoarekin egitea eguna". Izan ere, sagardo tradizioa bereziki Gipuzkoarekin lotu izan badugu betidanik, Lapurdin bertan sorpresa eraman dute Baleak elkartekoek: Etxean sagardoa ekoizten dutenak uste baino gehiago dira, sei bat sagardogile topatu dituzte horretan ari direnak. Nafarroa Beherean ere, Irulegiko arnotegitik hasita eta bertako jendeak bultzatuta, sagardoa egiten eta saltzen ari dira. "Badago tradizioa, eta badago jarduera garatzeko gogoa ere", dio Baleak elkarteko kideak. Badu etorkizunik Ipar Euskal Herriko sagardoak, beraz. Plaza bete jende, plaza bete sagardo Urteko ekimenik arrakastatsuenetarikoa du Baleak elkarteak Sagardo Eguna. "Badu 'gantxoa', sagardoak jendea erakartzen du eta egun herrikoia da oso", azaldu du Arzallusek. Aurten ere egitarau zabala zuten antolatua: arratsaldeko bostetatik aurrera txalaparta, bertsolariak, herri kirolak, taloak, eta noski, sagardoa izan zuten hurbildutakoek. Sagardotegi bakoitzaren ondoan, gainera, Hendaiako hainbat elkarte aritu ziren jateko pintxoak eskaintzen. Herriko eragileen parte hartzea bultzatu eta ekimena herrikoiago bihurtu nahi izan dute antolatzaileek kultur nahiz kirol arloko elkarteak inplikatuz. Pozik agertu dira antolatzaileak herritarren erantzunarekin. Plaza bete jende izan zen eta 800 edalontzi baino gehiago banatu zituzten arratsaldean zehar, giro bikainean. Beroari aurre egiteko ongi etorriak izan ziren Euskal Herriko zazpi herrialdeetako sagardoak. Kasik sagardorik gabe gelditu omen ziren…
news
argia-a9ac34ac365e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/zor-hotza.html
Zor hotza
Jose Inazio Basterretxea
2017-07-02 00:00:00
Zor hotza Errautsak azaleratu du minbizia, modu gordinenean. Ez genuen uste... baina, suak erakutsi digu ustel zirela usteak: miseria gorria dago Bilbo handi eta distiratsuaren baitan. Eta lur-gainera agertzen da hura noizean behin, gizarte-zorren zizare akusatzaile. Askoren gustukoa ez litzatekeen eraikin degradatu batean hil dira etxe bereko bost kide, sugarretan erreta eta ke beltzetan itota... Non? Bada, Zorrotzako Landan: Athletic futbol-taldeak partidak jokatzen dituen katedraletik ordu laurdenera, Deustuko Jesuitek kudeatzen duten unibertsitate ospetsutik kilometro gutxira, eta Gurutzetako eskualde-ospitale erraldoitik lau jauzitara. Zorrotzako sutean hil diren lagunen kopuruak eta beraien arteko hurbiltasun familiarrak azalera ekarri du gizartean gordean daukagun arazo eta kontraesan bat: oparotasun eta joritasunaren ondoan –haren baitan eta erdian– ghettoak dauzkagu. Bazterketa eta auto-bazterketa kasuak gero eta gehiago dira gure artean. Halere, kontzientziak lasai dauzkagu. Katastrofea heldu arte, jakina. Orduan, denak txalapartari. Ghetto bihurtzeak bilakatzen du esklusioen gaixotasuna sendaezin eta kroniko. Hirigintzan, politika zentripetuak behar dira, zentrifugoak baino gehiago. Politika, pentsamendu eta jarduera inklusiboak behar dira, ez esklusiboak. Ez da erraza bazterketa-kasuetan; eta, agian, zailagoa da auto-bazterketaren kasuetan. Edozelan ere, ez dago onartzerik horren degradatuak diren inguruak –etxe bakanak nahiz auzune oso-osoak–, ezagunak baitira arriskuak. Ez dago onartzerik inork negozioa egitea hondaturik eta umildurik diren inguru horiek merkaturatuta. Administrazio publikoek badute hitza eta eskua kontu horietan. Esnatu beharra dute; modu eraginkorrean esnatu ere. Inoiz, inkisizio inmobiliarioarengandik ihesi, beren buruaz beste egin dute gure auzokideek etxea ordaindu ezinean, bertatik indarrez kaleratuko dituzten mehatxupean, nora joanik ez dutela. Inoiz, heriotza aurkitu dute herritarrek gau batean, bazter-auzo batean, baldintza zantarretan bizi izanda, gizarte oparotsu honetara egokitu ezinik edo egokitu ez nahirik. Inoiz, auzotik kaleratuak izan dira auzotarrak, bestelako bizitza-eredu bat posible dela erakutsi gura izan dutelako eraikin zaharretan. Kasuistikak ez du muga argirik. Halere, izugarria da konturatzea mingaina zein isilik daukagun immolazioen sastadak azaldu arte. Ez dugu oraindik gure egin etxebizitza eskubidea dela, propietatea bainoago. Ahula da hori bereganatzen ez duen gizarte-kohesioa. Eta, ikusteko dira begiak. Entzuteko, belarriak. Kitatzekoak, zorrak.
news
argia-96c870a472f5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/ezin-utzi-ezin-hustu.html
Ezin utzi, ezin hustu
Ramon Etxezarreta
2017-07-02 00:00:00
Ezin utzi, ezin hustu Esan liteke gizarteak uko egin nahi diola aparatu politikoen praktika omnipresentzialari eta gizarte eredu horretatik ihesean abiatu dela. Behar zuen inoiz betekadaren ondorengo okada bistaratu. Iraultza abian jarrita, kontua da, norabide egokian egin ote den, helmuga egokira eramango ote gaituen, merezitako zigorra hau ote zen. Ufadaz baliatuz alderdietako baseak –bizirauten dugun militante hondarrok– jipoi ederrak ari dira ematen zuzendaritzei eta hauen historiei. Gehiegikerian, ohikeria ustelean eta akritikotasunik endogamikoenean instalatu direla eta horiek hortik astintzen ez badira politikagintzak jai izango duen usteagatik dela uste da. Ufadaz baliatuz alderdietako baseak –bizirauten dugun militante hondarrok– jipoi ederrak ari dira ematen zuzendaritzei eta hauen historiei Ufadaz baliatuz alderdietako baseak –bizirauten dugun militante hondarrok– jipoi ederrak ari dira ematen zuzendaritzei eta hauen historiei Euskal Herrian, ordea, ez da, beste mamu batzuek uxatzen nonbait, gertatu oraindik. Partidu klasikoek indarrean jarraitzen dute, agintean esan nahi da, ez baita gainerakoetan eman den zilipurdikarik eman. EAJk eternala dirudi, eskuin, zentro, kontserbadore, sozialdemokrata… mazoko karta guztiak eskuan dituela. Partidu Sozialista, nazionalismo demokratiko instituzionalaren beharrek salbatu dute, oraingoz. Hau horrela esanda, gaizki ulerturik ez dadin egon, esan dezadan behar horiek euskal gizartearen beharrekin gehien identifikatzen direnak direla. Dena den, ezker nostalgikoak eta populismoak eragindako lurrikararen azken uhinek ere harrapatu dute alderdi sozialista eta kanpai-buelta bat baino gehiago eman beharrean gertatu da trapezioan. Harrigarriki, Espainian aldaketa usaina egoten den uneen antzeko sinpatiak eragin ditu Pedro Sánchezen lidergorako itzuliak. Okasio horietan ez bezala euskal militanteen botoen beharrik gabe gertatu da garaipena. Andaluziak, neurri batean, eta Euskal Herriak huts egin dute hitzordu horretan. Andaluziakoa morrontzazko botoa izan bada, etxeko aparatuarekin boto kritikorik gutxiena gure artean jaso da. Ez dakit inork horrela irakurri duen kontua, baina alarmatzekoa da aparatuarekiko manupekotasuna eta honen kontinuismoa. Euskal sozialisten diskurtso politikoan, Odon Elorza outsiderrarengandik harat, aldaketa eta berritzerik ez da sumatzen oraingoz. Politikagintzaren deskredituari eta sozialdemokraziaren krisi intelektualari aurre nola egin asmatu ezinda edo horretarako borondatea disimulatuz biziraun nahi balu bezala. Ez dago erraza. Erraza ez dagoen bezala desarmatu eta politikagintza libre eta demokratikora igaro nahi dutenena. Sozialdemokrazia mesprezatu eta erasotzetik, inoiz ez bezala garaia omen, sozialdemokrata esplizitatu gabeko izateko igaro bidean doaz. Sozialdemokraton krisi intelektualek, diskurtso kontraesankorrek, preso gauzkate, Diogenes sindromearekin etxetik atera ezinda. Zenbat ganbara daukagun husteko!
news
argia-1535bf35b0d3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/laura-wollny-ekintzaile-alemaniarra.html
"Mundua klima aldaketatik salbatu nahi badugu, kapitalismoari amaiera eman behar diogu"
Lukas Barandiaran San Roman
2017-07-02 00:00:00
"Mundua klima aldaketatik salbatu nahi badugu, kapitalismoari amaiera eman behar diogu" Alemaniako ikatz-meategi erraldoien jarduna eteten duten ekintza desobediente masiboak antolatzen ditu Ende Geländek, talde ekologistek, ezkertiarrek eta gobernuz kanpoko erakundeek osatutako elkarteak. Elkarte horren ekintzak hartu ditu eredutzat Gipuzkoa Zutikek maiatzaren 27an egin zuen protestarako, eta bertan izan zen protesta desobedientean parte hartzen Laura Wollny, Ende Gelände eta AugeCO2hlt taldeetako militantea. Zer esan nahi du Ende Gelände k? Nahikoa da! esan nahi du, ez dugula ikatz gehiago erauztea nahi. Esaldi alemaniarra da, eta ezin da itzuli hitzez hitz. Nola sortu zen? 2010eko udan klimaren kanpamentuak antolatzen eta meatzaritza azpiegiturak blokeatzeko ekintzak egiten hasi ginen Renanian. Geroz eta pertsona gehiago gerturatzen hasi zen, esperientzia asko bildu genuen, eta jauzi bat ematea erabaki genuen: inguruan genituen lagun eta talde politikoei galdezka hasi ginen ea ekintza talde bat osatzeko prest zeuden, eta horren emaitza Ende Gelände izan zen. Laura Wollny Zubietan. (Argazkia: Dani Blanco) Zein da zuen jarduera nagusia? Desobedientzia zibileko ekintza masiboak egiten ditugu. Ondo prestatutako taldeak osatu eta meategietara eta meategiak zentral termikoekin lotzen dituzten trenbideetara joaten gara. Gure gorputzekin blokeatzen ditugu. Han eseri, eta polizia etorri edo gu nekatu arte geratzen gara. Zuen diskurtsoetan kapitalismo fosilari egiten diozue aipamena. Zertan datza? Ez gaude lignitoaren —harrikatz mota bat— erauzketaren kontra bakarrik, baizik eta modu orokorragoan kapitalismoaren kontra gaude. Kapitalismoak erregai fosilen errekuntza du oinarrian, ikatzaren errekuntzarekin hasi zen Erresuma Batuan. Beraz, fosilen konbustioarekin amaitu eta klima salbatu nahi badugu kapitalismoari amaiera eman behar diogu. Ez duzue uste kapitalismo berriztagarria posible denik? Horixe da gakoa; ez dugu uste kapitalismo fosilaz harago kapitalismo berriztagarria egon daitekeenik. Kapitalismoa beti izango da fosila, biak batera doaz. Beraz, zuek kapitalismoarekin amaitzeko bere oinarrietako batekin amaitu nahi duzue, fosilen konbustioarekin. Abiapuntu batetik hasi beharra dago:  gu lignitoaren kontra hasi ginen, oso kaltegarria baita klimarentzat. Gainera, gure ekintzak jendea desobediente izatera bultzatzen du; jende askok parte hartu dezakeen ekintzak dira, deialdi publikoak dira, ongi azaltzen ditugu ekintzen nondik norakoak, ez gara talde klandestino bat. Baina aldi berean, ezohiko ekintzak dira, ez baititugu egunero poliziak babesten dituen guneak blokeatzen. Posizio aktibo bat hartzera bultzatzen ditugu parte-hartzaileak, eta pentsatzen dugu jendea beste alderdi batzuetan ere desobediente izatera bultzatzen duela horrek. Beti saiatzen gara lignitoaren kontrako borroka bestelako borrokekin lotzen: errefuxiatuen aldeko borroka edo klima aldaketaren beste alderdiekin, munduaren hegoaldeko herrialdeek sufritzen duten egoera, esaterako. Justizia klimatikoa kontzeptua darabilzue. Zer esan nahi duzue horrekin? Munduaren iparraldean planetako CO2aren zati handiena isurtzen ari gara, eta gainera jarduera horretan ekoitzitako produktuez gozatzen dugu. Gure bizimodua da klima aldaketaren iturria, baina eragina sufritzen dutenak munduaren hegoaldekoak dira. Han daude klima aldaketa pairatzen ari diren eremuak, esaterako itsasoaren maila igotzearekin desagertuko diren uharteak edo haziz doazen basamortuen inguruan dauden bizitokiak. Gainera, hango estatu eta gobernuak ahulagoak dira egoera horren aurrean erantzun sendo bat eman ahal izateko. Gu zerbait egiten hasi behar gara, ezin diogu eskatu Indiako inori ez dadila kotxean ibili. Beraz klima justizia sozialarekin lotzen duzue? Horixe da, ez da ingurumenaren edo hartz zurien kontua soilik. Ez dugu horretara mugatu nahi, gizateria osoa salbatu nahi dugu, batez ere klima aldaketa sortzearekin zerikusi gutxi duten pertsonak. Metodo gisa desobedientzia zibila erabiltzen duzuela esan duzu, nolakoa da desobedientzia hori? Ekintza bat egin aurretik horren berri ematen dugu, asanbladak deitu ohi ditugu egingo duguna, edo egingo dugun ia guztia azaltzeko, polizia ere adi egon ohi baita. Hainbat jarraibide ematen ditugu: gure gorputzekin egingo ditugu blokeoak, ez dugu ezer suntsituko, ez diogu poliziari eraso egingo haiek ez direlako gure helburu, gure helburuak trenbideak eta makineria dira. Prentsa ere deitzen dugu, jendeak jakin dezan zer egiten dugun. Zergatik jotzen duzue desobedientzia zibilera? Alemanian tradizio handia du desobedientzia zibilak, batez ere nuklearren aurkako mugimenduan. Guk egiten ditugunen antzeko ekintzak egin ohi zituzten. Eta noski, ekintza horiek legez kanpokoak dira. Ez al duzue beste biderik ikusten? Gu bezalako ekintzaile gazteak iritsi aurretik, han bizi zirenak ari ziren borrokan meatzaritza proiektuen kontra, baina beren herriak suntsitu zituzten. Politikariekin eta meatzaritza konpainiekin hitz egiten saiatu ziren, epaitegietara jo zuten, baina ez zuen emaitzarik izan. Ikatza atera nahi dutenei bost axola zaie eremu horietan edo mundu mailan gertatzen dena. Egoera horretan jo genuen desobedientzia zibilera. Zuen desobedientziak legalitaterik ez, baina zilegitasuna duela diozue. Nondik datorkio zilegitasun hori? Alemanian justizia klimatikoaren alde egiteak esan nahi du berehala amaitu behar dugula herrialdeko erregai fosilen erauzketarekin, gu geu kaltetzen ari garelako. Eta ez dago beste biderik hori egiteko, horregatik dauka zilegitasuna. Gure eginbeharra da. Zein ondorio ekarri dizkizue legearen kontra egiteak? Alemanian bide publikoak blokeatzea isunekin zigortzen dute. Baina meatzaritza egiten duten lur-eremu ia guztiak konpainien jabetzakoak dira, eta gure kontrako auzia hasi dute epaitegietan. Orain arte ez dugu arazorik eduki, epaiketak irabazi ditugu edo isun jasangarriak ezarri dizkigute. Arazoa da hasi direla gure blokeoak eragindako ekoizpen eteteen galera ekonomikoak egozten eta diru asko eskatzen. Parisko klima akordioa gauzatzen hasteko bilera egingo dute udazkenean Bonnen, eta zuek ekintza bat egiteko asmoa duzue han. Zergatik? Nazio Batuen Erakundearen klimaren goi-bilera egingo dute, eta mundu osoko estatuen ordezkariak ibiliko dira han. Halakoetan gertatu ohi den antzera, klima aldaketaren kontra zer egin eztabaidatuko dute, baina ondoren ez dute neurri eraginkorrik hartuko. Aurten Fiji uharteek antolatu dute goi-bilera, eta Alemanian egingo dute; hau da, klima aldaketaren erantzule nagusietako batean antolatuko du goi-bilera klima aldaketaren bultzatzearekin zerikusi gutxi duen herrialde batek, baina aldi berean itsasoaren maila igotzeagatik urpean geratzeko arriskuan dagoenak. Horrez gain, Bonn meatzeetatik gertu dagoen hiria da. Salatuko dugu Alemaniak ez duela horrenbeste egiten klima aldaketaren kontra, eta ez duela horrenbeste energia berriztagarri erabiltzen, askotan errepikatu arren lelo hori. Getxon, Gasteizen eta Zubietan izan zara [ondoren Iruñera joan zen], zer deritzozu hemen ikusi duzun mugimenduaz? Asko gustatu eta interesgarriak iruditu zaizkit mugimendu txikiak aurkitu ditudalako, baina oso ondo errotuak herri eta bizilagunen artean. Horrek ez du oso ondo funtzionatzen Alemanian, lantzeke dugun puntua da.
news
argia-241bd84f0dd5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-07-02 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. Neguan ortuan ortuariez gain txilarra izaten dut ereinda. Udaberrirantz moztu, lurra bueltatu eta lurpera botatzen dut. Hori egin ostean karetu dezaket? Adiorik ez. Juan de Atxirika (Murueta) Kaixo Juan. Hasteko, barkatu atzerapena, baina zure galdera hau ez dakit nondik nora ibili dugun eta atzera geratu da… Bestetik, zer da txilarra? Nik uste guk txirta deitzen duguna izango dela. Baina badaezpada galdetu egiten dizut, ilar txiki baten tankerakoa da? Hala bada oso ondo egiten duzu, lan hori lurrerako oso ona da. Eta egia da, ondoren karetzea ona da. Ahal baduzu zuzenean ez karetu. Egun batzuk utzi. Aukerarik ez baduzu, segituan landu behar duzulako, karetu eta kito.
news
argia-b188af6dbd89
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/kontrolpean-eta-zaratarik-atera-gabe.html
Kontrolpean eta zaratarik atera gabe
Alejandra Goikoetxea
2017-07-02 00:00:00
Kontrolpean eta zaratarik atera gabe "Besaulkiak". Ekainaren 17an Markiña-Xemeingo Uni Frontoian eskainitako emanaldiaren kronika. Eszenatokian iluntasuna eta egurrezko kutxa misteriotsua erdi-erdian. Herriko jendea urduri lagun, senide eta herriko ezagunak ikusteko antzoki bilakatutako frontoian, denbora luzez prestatutako antzezlanaren emanaldian. Gaurko lehian baina ez da gorria edo urdina gailendu, gaurko emanaldian kolore grisak hartu du frontoia. Kontrolpean nahi eta behar gaituzte Gotzon Barandiaranek asmatutako fikziozko herri euskaldun honetan. Lanerako gogotsu eta prestu, gainerako orduetan lokartuta, eta deskantsuan askoz hobe. Isilik eta zaratarik atera barik. Horretarako guztiontzako besaulki berdinak ekarri ditu agintariak. Protesta eta kexarako abagunerik ez dago, galderak ere gutxi eta kontestutik larregi aldendu bakoak, obedientzia zor zaie goiko agintariei. Herritarrek otordurako erosi behar dutena erabakitzeko eskumenik ere ez dute herri honetan. Eskerrak baina hainbeste obedientzia artean inkonformistak ere badirela. Talde amateurra izanagatik ere landutako antzerkia izan da Markiña-Xemeinen ikusteko aukera izan duguna. Traba eta erratak dotoretasunez estali dituzte aktoreek inprobisazioari helduta. Ander Lipus izan da Abarka antzerki taldearen lana zuzentzearen arduraduna. Taula gainean zuzendariaren estiloa ere nabarmendu da, alkatearen pertsonaia Lipusetik nahiko gertu ikusi dut behintzat. Aipamen berezia egingo nieke aulkiei, besaulkiei, eserlekuei, butakei… antzerkia modu esanguratsu eta dotorean janzteagatik, narrazioaren hariari laguntza emateagatik. Antzezlanak aurretik irakurritako hainbat liburu eta pelikula ekarri dizkit gogora. Horien artean, George Orwell-en 1984 nobela. Kontrola, agintea eta jendartearen pasibotasuna. Lasaitu ederra hartu dut behintzat, Euskal Herriko herri bitxi honetan txoriak txioka entzun eta oiloak bizirik ikusi ditudalako, hemen natura pixkat gehiago miresten edo maitatzen dugu nonbait. Ikusleok, guztiok eserleku berdinetan eserita, hausnarketarako tartea hartu dugu: kasualitatea ote istorioan azaltzen den bizidun bakarra oiloa izatea?   FITXA TEKNIKOA: Zuzendaria: Ander Lipus. Gidoia: Gotzon Barandiaran. Ekoizpena: Abarka Antzerki taldea. Aktoreak: Rakel Anitua, Luis Egurrola, Lur Epelde, Nerea Foruria, Nagore Leon, Ruben Markina, Amalia Marti eta Gilen Santiso.
news
argia-f3791fd519ff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/eragozpen-fiskaletik-lortutako-dirua-alternatiba-eraldatzaileak-bultzatzeko-bideratzen-dugu.html
"Eragozpen fiskaletik lortutako dirua alternatiba eraldatzaileak bultzatzeko bideratzen dugu"
Xalba Ramirez
2017-06-20 00:00:00
"Eragozpen fiskaletik lortutako dirua alternatiba eraldatzaileak bultzatzeko bideratzen dugu" Eragozpen fiskaleko kanpaina abiatu dute aurten ere hainbat elkartek EAEn. Errenta aitorpenean gastu militarrei eta azpiegitura handiei uko egin eta bidezko proiektuak finantzatzeko kanpaina honek iaz 100.000 euro desbideratzea lortu zuen Espainiako Estatuan. Helburuekin bat egiten duten herritarrak laguntzeko zerbitzua eskaintzen dute www.eragozpenfiskala.org webgunearen bitartez eta horretarako EAEn jarritako bulegoetan. Miguel Angel Martinez Bilboko KEM-MOCeko kidea ari da kanpainaz arduratzen. Zer da eta zergatik egiten duzue eragozpen fiskaleko kanpaina? Lehenik eta behin argi utzi nahi dugu ez dela zerga gutxiago pagatzeko kanpaina bat. Errentaren aitorpenaren bitartez, bidezkoak ez diren aurrekontuen finantziazioari uko egitea da. Honela, gastu militarrari, bankaren erreskateari, mugen militarizazioari, Abiadura Handiko Trena eta halako makroegiturei… doakien dirua, izaera eraldatzaile eta solidarioa duten alternatibak lagundu eta bultzatzeko bideratzen da. Bakea, justizia soziala, feminismoa, antimilitarismoa… oinarri duten proiektuetara bideratu nahi dugu dirua. Zein helbururekin jarri zenuten martxan? Duela 30 urtetik egiten da kanpaina hau. Estatu mailan koordinatua dago baina, EAEn ezaugarri bereziak ditugunez gure kanpaina propioa egiten hasi ginen iaz Setem eta KEM MOC-en artean. Aurten Mundubat, ESK, Fiareren babes taldea, Ekologistak Martxan, Mundubat eta Kakitzatekin batera ari gara aurrera ateratzen. Nola egiten da? Urrats teknikoak pixka bat konplikatuak dira zenbakiez asko ulertzen ez dugun herritarrontzat, horregatik jarri dugu martxan arreta zerbitzua. Gure webgunean dugun telefonora deitu eta hitzordua jartzen dugu Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ditugun bulegoetan, eta bertan doako zerbitzua eskaintzen dugu. Edozein kopuru erabaki dezakegu eta ondoren kopuru hori nahi dugun elkarteari eman. Ekintza honen helburua, esan bezala, ez da zerga gutxiago ordaintzea, baizik eta desbideratze bat egitea. Horregatik egin dugun diru sarreraren ordainagiria igorri behar dugu aitorpenarekin batera Diputazioari, nahi izanez gero gure ekintzaren zergatiak esplikatzeko ohar batekin. Desobedientzia zibileko ekintza bat izanik, zein ondorio izan ditzake? Desobedientzia zibilak bidezkoak ez diren legeei aurre egitea dakar eta eragozpen fiskala hori da, irregulartasuna. Beraz, ogasunak harrapatuz gero atzera botako digu, normalean nahastu garela esanez, eta batzuetan %5eko "zigorrarekin". Horregatik desbideratzen duguna neurtu behar dugu eta gure gain hartu dezakegun kopurua izan behar da, guk normalean 84 euroko eragozpen sinbolikoa gomendatzen dugu. Jende askok zalantzak izaten ditu, baina guk beldurrik ez izatera animatzen ditugu. Izan ere, oso gutxitan botatzen dute atzera, ogasunarentzat oso zaila delako irregulartasun guztiak kontrolatzea.
news
argia-49d35d6380c7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/martin-goitiandia-roquero-mozal-legearen-aurkako-ekintzailea.html
"Arriskua beti dago, baina ezin gara ezkutatu gerta litekeenaren beldur"
Axier Lopez
2017-06-26 00:00:00
"Arriskua beti dago, baina ezin gara ezkutatu gerta litekeenaren beldur" Usurbilgo geltokian Mozal Legearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zela tren batek oso zauri larriak eragin zizkion Martin Goitiandia Roquero 20 urteko donostiarrari. Gertatutakoak bazterrak astindu zituen Donostialdean, eta handik gutxira Euskal Herriko txoko askotara heldu ziren elkartasun keinu eta protestak. Koman bi astez izan da eta hiru ospitalean. Orain, etxean, ari zaio orduan gertatutakoari tamaina hartzen. Zer moduz zaude? Hainbat zauri daukat oraindik eta goizero errehabilitazioa egiten dut hezurrak berrosatzeko. Orain pazientzia eta denbora. Animoz, oso ondo nago. Hiru aste baino gehiago izan naiz ospitalean. Horietako bi zainketa berezietan. Femurra hautsita, pelbisa hiru zatitan ukitua, bizkarreko orno batean fisura, buruan kolpe handia, erredurak eta zauriak izan nituen. Koma induzituan izan naiz 12 egunez. Orain ari naiz orduko gauza askoren berri izaten. Ondorio legalik utzi al du? Ni lo nengoela etorri ziren ertzainak ospitalera. Gurasoekin izan ziren. Nire neurriak eskatu zituzten istripuaren inguruko azterketa egiteko. Usurbilgo geltokian izan ziren beste pertsona batzuei ere galderak egin dizkie, baina niri ez. Espediente bat ireki dute eta hor sartu dute istripua izan ostean anbulantziaren zain nirekin geratu zen pertsona. Bera adin txikikoa da, eta hasieran lekuko moduan joateko deitu bazuten ere, azkenean inputatu gisa sartu dute kalte materialengatik. Zorionez, ez da akusazio larria. Halere, oraindik ikerketa hastapenetan dagoenez, egoera alda liteke.  Euskotrenek barne mailako ikerketa egin duela dirudi, baina salaketarik ez. Guk ere ez dugu salaketarik jarriko. Zer gertatu zen apirilaren 13an? Ideia zen Mozal Legearen aurkako pintaketa egitea tren batean Usurbilgo geltokian. Horretarako trenak geldi egon behar zuen, eta lan hori nik hartu nuen. Trena Lasartetik zetorren eta Usurbilgo geltokian geratu zenean bidaiariak igo eta jaisteko, ni jarri nintzen trenaren aurrean kartel batekin, une batez mugi ez zedin. Nahiko azkar egin behar zen dena. Badirudi gidariak pentsatu zuela grafitigile batzuk zirela eta bidaiariak jaisten eta igotzen amaitzean, martxan jarri zuen trena. Trena niregana zetorrela ikustean, geldituko zela pentsatu nuen. Nik ez nuen gidaria ikusten, baina nik uste nuen berak ni baietz, ikusten ninduela. Beraz, hasieran abisu baten modukoa izango zela pentsatu nuen. Baina ez zela geldituko jabetzean, korrika hasi nintzen bere aurretik. Hasieran motel doa, baina segituan abiadura hartu zuen eta ni harrapatuta geratu nintzen nasako horma eta trenaren artean. Ez ninduen azpian harrapatu, baina kolpe handiak hartu nituen. Hortik aurrera ez dakit oso ondo zer gertatu zen. Larrialdietara heldu arte kontziente nengoela eta han zeudenekin hitz egin nuela esan didate. Kide batek lagundu ninduen trenbidetik ateratzen. Trenak jarraitu zuen Zumaiaraino ezer gertatu ez balitz bezala eta orduan han jakinarazi omen zioten gidariari Usurbilen jazotakoa. Euskotrenek adierazi du gidariak ez duela ezer ikusten kabinatik lau bat metroko tartera arte eta horregatik ez zintuela ikusi. Nik leihoa ikusten nuen, baina oroitzapena daukat ez nuela inor ikusten gidariaren kabinan. Makinariak ez ninduela ikusi esan du eta hala izango da, ez dut inolako arrazoirik ikusten kontrakoa pentsatzeko. Istripua izan zen. Zurekin harremanik izan al dute? Saiakeraren bat izan da, baina oraingoz ez dut aukerarik izan gidariarekin egoteko. Jakinarazi didatenez, berak oso gaizki pasa du. Aukera dagoenean, ez duela errurik esan nahi diogu. Guk banekien ekimenean arriskurik bazela, eta gure erantzukizunpean ginela han. Zergatik egin zenuten? Uztailaren 1ean bi urte izango dira Mozal Legea indarrean jarri zutela, eta guk legearen aurkako jarrera azpimarratu nahi genuen. EAJri begira planteatu genuen ekimena, Legebiltzarrak legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, Ertzaintza egunero aplikatzen ari delako. Istripuak hauspotuta, efektu biderkatzailea lortu zuen ekimenak hurrengo egunetan. Egia esan, asko flipatu dut emandako erantzunarekin. Izugarria izan da. Indar handia ematen du. Era askotako talde eta ekintzaileek batera erantzun zuten. Asko pozten naiz. Martin Goitiandiarekin elkartasunez eta Mozal Legearen aurka Donostian egindako elkarretaratzeetako bat. Arg: Axier Lopez Ekimen horietan elkartasuna adierazi eta Mozal Legea salatzeaz gain, jarrera desobedientea azpimarratu zen maskara gorri eta berde baten bitartez. Bai, hori ere bazen gure ekimenaren helburuetako bat, jarrera desobedienteak bultzatzea. Gure ekarpentxoa zen maskara hori desobedientziaren ikur eta tresna gisa plazaratzeko. Aurretik eta ondoren beste ekimen batzuetan egin duten bezalaxe, adibidez zenbait "kontzertu klandestinotan", Iberdrolako dorre barruan egindakoa kasu. Sistema politiko eta ekonomiko honen ankerkeriaren aurka egin nahi duen ororentzat erabilgarri dago ikurra. Ekimen desobediente ez-biolentoak izanez gero, guztiz librea da. Ez dago proiektu politikorik atzean, herri mugimendu osoarentzako tresna da. Gehiengo soziala, politikoa eta instituzionala dago Mozal Legearen kontra. Zer gehiago behar da legea indargabetzeko? Gurean diote Madriletik datorrela agindua eta bete behar dutela. Ohiko trikimailua da. Beste hainbat legerekin tranpa bera egiten dute Jaurlaritzatik. Mozal Legea errepresioaren logikaren barruan ulertu behar da.  Azken urteetan hedatu den erantzun sozialari aurre egiteko produktua da. Begi bistakoa da errepresioa hedatzen ari dela gizarteko eremu askotara. Gaur bertan epaitu dituzte Gazteak Kalean ekimeneko lagunak, Errekaleorren kasua hor da… Mozal Legea errepresio mota hori errazteko tresna baino ez da. Horregatik, besteak beste, legeak ematen dio botere handiagoa Poliziari eta zigorrak bide administratibotik bideratzen ditu, isun ekonomikoak handitu eta mugimendu sozialak azkarrago itotzeko. Beldurra eta autozentsura hedatu nahi dituzte, guk geuk euren lana egin dezagun: mugi ez gaitezen. Zure kasuaren larritasunak beste ekintzaile batzuei beldurra eragin ahal izan die, eta protesta ekimenetan parte hartzeko zalantzak piztu. Zer esango zenieke? Niri ere eragiten dit beldurra zer pasa dudan gogoratzeak, oso gaizki bukatzeko zer gertu egon naizen. Egiari zor, arriskua beti dago. Baina ezin gara ezkutatu gerta litekeenaren beldur. Konpromisoak askotarikoak izan daitezke. Gure kasuan, han ginen bakoitzak erabaki zuen zer egin nahi zuen. Batetik, gauzak ondo prestatu behar dira. Zenbat eta hobeto prestatu orduan eta txikiagoa izango da arriskua. Bestetik, ez da inoiz behar baino arrisku handiagoa hartu behar helburua lortzeko. Norberak neurtu behar duen kontua da. Baina jakitun izan behar dugu, gure burua mugatu eta isiltzen garen bakoitzean, beren lana geuk egiten dugula. n
news
argia-c210917a49c0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/kriogeniak-mende-erdi-bete-du.html
Kriogeniak mende erdi bete du
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-07-02 00:00:00
Kriogeniak mende erdi bete du 1960ko hamarkadaren erdialdean gorpuak kriogenizatzeko alferrikako hainbat saiakera egin zituen Alcor fundazioak. Azkenik, 1967ko urtarrilaren 12an, James Bedford izeneko Los Angelesko psikologia irakaslea minbiziak jota hil zen 73 urte zituela, eta haren gorpua kriogenizatuta kontserbatzea lortu zuten lehenengoz. Agente kriobabesleak eta dimetilsulfoxido izeneko substantzia injektatu zizkioten Bedfordi. Egun, Alcorrek Arizonako basamortuan duen egoitzan dago haren hilotza, kontserbazio kapsula batean sartuta, orduz geroztik izoztutako beste 147 gorpuekin batera. Eta, usteak uste, Walt Disneyren gorpua ez dago 148 horien artean.
news
argia-df1ad9bbc124
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/eaeko-auzitegi-nagusiak-gipuzkoako-foru-aldundiaren-euskara-planaren-aurkako-epaia-eman-du.html
EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren aurkako epaia eman du
ARGIA
2017-06-23 00:00:00
EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren aurkako epaia eman du Bost artikulu baliogabetu ditu, besteak beste, kontratazio administratiboarena eta diru-laguntza jasotzaileen betekizunena. Foru Aldundiak epaia errekurrituko du. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Mikel Irizarrek, adierazi du Auzitegi Nagusiaren epaian arrazoi teknikoak erabiltzen direla sarri eta idazketaren interpretazio estua egiten dela: "Epaiak artikulu horiek baliogabetzeko ematen dituen argudioek ez dute gure hizkuntza politikaren funtsezko irizpideen aurka egiten". Irizarren iritziz, baliogabetutako bost artikuluetan auzitegiak administrazioarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituen herritarraren eskubideak ikusi ditu arriskuan. Aldundiak azpimarratu du inoiz ez dela erreklamaziorik izan gaztelaniaz harremanak nahi dituen herritarren aldetik, eta aldiz, "gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarren kexak eta erreklamazioak jaso izan ditugu". Baliogabetutako bost artikuluak eta horietan jasotako gaiak ondokoak dira: komunikazio instituzionala (5. art.), kontratazio administratiboak (8. art.), diru-laguntzen jasotzaileen betekizunak (9.3 art.), argitalpenak (11. art.) eta internet eta intranet sareak (13. art.). Euskara Plana 2017ko hondarrean amaituko da eta Foru Aldundiak baliogabetutako artikuluetan egokitzapen teknikoak egingo ditu. UEMAk oso larritzat jo du sententzia UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak azpimarratu du Auzitegi Nagusiak argudiatu duela euskara lehenesteak "koofizialtasunaren araua" urratzen duela. UEMAk gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013-2017ko Euskara Planean euskara lehenetsitako hizkuntza izatea erabaki zuela. Foru Aldundiak jasotako epaiaren ildo berekoak jaso dituzte hamarnaka udalek euskarari lehentasuna emateagatik. Hala, UEMAk gogorarazi du udaletan aktak euskara hutsean jasotzeagatik edo diru-laguntza publikoetan euskara lehenesteagatik Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak errekerimendu eta helegiteak jarri izan dituela .
news
argia-d88dbfd8e4e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/kanada-euskal-herritik-lehen-baino-gertuago.html
Kanada Euskal Herritik lehen baino gertuago
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-07-02 00:00:00
Kanada Euskal Herritik lehen baino gertuago Euskaldunon arbaso baleazaleek bereak eta bi pasako zituzten Ternuaraino ailegatzeko. Gure aldizkariak astero egiten du ez Ternuarainoko baina bai Torontorainoko bidaia. Aitor Imaz ARGIAzalea han bizi da eta lehen Internet bidez jarraitzen bazuen ARGIA, astekaria jasotzen hasi berri da. Itsasoz bestaldetik nola begiratzen digun jakitea polita litzateke, ezta? 2010eko udazkenean egin zuen Kanadara lehen bidaia hernaniarrak denboraldi bat atzerrian pasatzeko gogoz. Orduz geroztik bizi da Toronton, sorterrira bisitaren bat edo beste egin badu ere. Torontoko Garraio Batzordeak duen proiektu batean ari da lanean, ingeniaritza enpresa batean, garraio publikoaren inguruan, baina gertutik jarraitzen du Euskal Herrian pasatzen dena. Gertukoek ematen diote inguruan gertatzen denaren berri, Hernaniko kontuak jarraitzeko Hernaniko Kronika herri egunkarira jotzen du, eta albiste orokorragoak jasotzeko egunkariei eta euskal txiolariei erreparatzen die. Baina saltsa horretan guztian non kokatzen da ARGIA? Euskal Herritik datozen albisteak nahiko gertutik jarraitzen ditut, baina sentitzen nuen beharra gaur-gaurko kontuek askotan estaltzen dituzten gaiei buruz ere patxadaz irakurtzeko. ARGIAk bi alderdi horiek bikain jorratzen ditu, beti ere ikuspuntu propio batetik. Horrek ARGIA berezia egiten duela esango nuke euskal komunikabideen unibertsoan. Betiko gai eta pertsonaiez haragoko zerbaiten bila nenbilen eta ARGIAk hori ematen dit. Zer inpresio eman dizu aldizkariak, lehena etxean jaso duzunean? Gaien aniztasuna eta irudiek hartzen duten garrantzia gustatzen zaizkit. Etxean jasotako lehenengo aldizkaria kanadar bati erakutsi nion eta nahiz eta idatzitakoa ez ulertu oso itxura ona hartu zion, nik uste irudiei erreparatuz konturatu zelako aldizkariak askotariko kontuak tratatzen dituela. Zergatik ARGIA? Batetik, gustatzen zait Interneten duen bizia. Ez da soilik paperekoaren eduki-artxibo bat, bere izaera propioa hartu du. Bigarrenik, eskertu dut harpidetzen eredu tradizionala hankaz gora jarri izana. Komunikabide baten eta komunikabide horren irakurlegoaren arteko harremana non datzan maiz izaten da eztabaidagai, baina egia esan gutxitan jartzen da kolokan betiko saltzaile-erosle eredua. ARGIAren atrebentzia gai honetan estimatzekoa da.
news
argia-bc4e75734277
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/burujabetza-sozialaren-alde.html
Burujabetza sozialaren alde
Juan Mari Arregi
2017-07-02 00:00:00
Burujabetza sozialaren alde ELA eta LABen idazkari nagusiek, Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburuk, Gasteizko parlamentuko Autogobernu Ponentzian hitz egin dute joan den astean, eta ondoren ohar bateratua kaleratu dute, aldarrikatuz estatus berri bat "eremu soziolaboral eta soziopolitikoan eskumen erabatekoa izango duena". Agerraldi hori garrantzitsua da momentu honetan, eta balio izan du erakusteko bi sindikatuek burujabetza sozialaren alde egiten dutela apustu. Gainera, ekintza sindikal bateraturantz egiteko asmoan beste urrats bat ere bada, euren kongresuetan adierazi duten bezala. Sindikatu abertzaleon ustez bistakoa da beste estatutu erreforma soil bat langileen gehiengoarentzat iruzurra litzatekeela: Madrilgo politika zentralizatzailea, autogobernuari egindako murrizketak, Estatutua ez betetzea, eta transferitutako eskumenak eta Kontzertu Ekonomikoa erabiltzea EAJ, PSE eta PPren eskutik enpresa eta kapital errentei mesede egiteko. Egoera hori aldatzeko ezinbestekoa da legeak egin ahal izatea lan harremanak eta babes soziala oinarri hartuta. Horrela bermatuko dugu "gure jendarte eta lan ereduaz erabaki ahal izango dugula", edo "politika fiskal, ekonomiko eta sozialak ezartzeko gaitasuna izango dugula". Eta hori guztia, ikusi dugunez, ezinezkoa da aurrera eramatea Espainiako Estatuarekiko aldebikotasunetik. Sindikatuek prozesu sozial burujabe bat egin nahi dute aldebakartasunean oinarrituta, Euskal Herria subjektu politikoa dela onartu eta "bere marko juridikoa libreki erabaki".  Seguruenik sindikalgintza abertzalea berriz erasoko dute "politikan sartzeagatik", baina sindikatu bezala eskubide osoa dute jendartearen eraketan parte hartzeko.
news
argia-0b479c53b6a1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/cedric-herrouk-ez-daki-iheslariak-abandonatzen-mugako-mendietan.html
Cedric Herrouk ez daki iheslariak abandonatzen mugako mendietan
Pello Zubiria Kamino
2017-07-02 00:00:00
Cedric Herrouk ez daki iheslariak abandonatzen mugako mendietan Frantzia eta Italia arteko mugan, Ventimiglia eta Metonen goiko aldeko Roya ibarreko herrietan bizi diren jendeak, gune minbera batean kokatu dituzte geografiak eta gobernuek migrazioak oztopatzeko erabakitako neurriek: autopistaz edo trenez ezinda, milaka errefuxiatu afrikar paperik gabeko barneratzen dira paraje menditsuotan Parisera arin iristeko ametsez. Antzina kontrabandoa ezagutuko zuten haran honetan orain asko dira mugalari humanitarioak. Hona baten historia. Maiatzak 24, asteazken goiza Breil-sur-Roya (Frantzia, Italiako mugan) herriko tren geltokian. Sudan, Txad edo Somaliatik iritsiak dira, gerra, miseria eta diktaduretatik ihesi. Nice Matin egunkariko Benoit Guglielmik sarean jarritako bideoan aurpegi irribarretsua ikusten zaie. Gehienak Cedric Herrou baserritar gaztearen etxaldean daude aterpeturik, Roya haranean. Bezperan dei egina zien agintariei, ia ziento bat lagun joango zirela agintarien esku beren buruak jartzera. Berak eta Roya Citoyenne elkarteko boluntarioek lagunduko diete bidaian, ordubete trenez Nizaraino. Nizan etorkin ilegalekin batera prentsaurrekoa emango dute boluntario eta abokatuek, iheslariontzako soluzio global eta efikazak eskatuz. Ondoren, etorkin eta laguntzaile, Estienne-D'Orves natur parkera doaz, pic-nic txiki bat jan, janzkiak banatu eta legezko paper kontuak egiten elkarrekin hasteko. Frantsesez, ingelesez, beste hainbat hizkuntzatan interprete inprobisatuekin… funtzionarioengana joan aurretik lanak aurreratuta eramateko. Front Nationalek indar handia du Itsas Alpeen departamenduan. Eskuinak salatu du boluntariook beren laguntzarekin etorkin ilegal gehiago erakartzen dutela Frantziara. "Hori pitokeria da –dio Herrouk– ondo begiratzen baduzu guk agintariei  laguntzen diegu nolabaiteko kontrol bat edukitzen Frantziara iristen diren etorkinez". Poliziak parketik kanporatuta, nonbait pasa beharko dute hurrengo gaua: prefetaren egoitzaren aurreko plazan egon beharko dute. Paper eskariak aurkeztuta, erantzuna jaso arte onik irauteko boluntarioen laguntza beharko dute. Cedric Herrouk ez du jokabidea aldatu joan den urtarrilean bertan auzitegiek 3.000 euroko isuna eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten arren. "Ezer ez egiteak gizakion aurkako krimenaren konplize bihurtuko ninduke", esan zion jujeari epaiketan, gutxienez 200 etorkin ilegal pasatzen lagundu zuela aurpegiratu ziotenean. 1979an Nizan sortua, neorrurala da, kaletik mendira etorritako baserritar berria. Olibak eta oiloen arrautzak merkatuetan saltzetik bizi da. The Guardian ek apirilean aurkeztu du Herrouk eta bere lagunek egiten duten mugalari lana Haraneko errebeldeak ( The Valey Rebels ) dokumentalean. Hasten da jarraituz auto txiki baten ibilera gauez Italiako muga aldeko errepide bihurrietan. Telefonoz deitu diote Herrouri. Leku jakin batera iritsitakoan, sei iheslari afrikar azalduko dira ilunpetik eta kotxean sartu. Horrela izaten da gau askotan muga alde honetan. Urtarrilean espetxe zigorra –bete beharrik gabekoa, berriz okerrik ez egitekotan– jaso zuenean, kazetariek galdetu zioten ea jarraituko zuen: "Arazoak segitzen baldin badu, nik berdin jarraituko dut. Jendea daukat etxean eta zaindu behar ditut. Ez dagokit bereiztea zuriak eta beltzak, legezkoak eta ilegalak. Ez da nire lana, ni baserritarra naiz, nire lana da jendea elikatzea". Herrouk Roya haranean dauka etxaldea, eta poliziak mugak itxi dituenetik hortik pasatzen dira Frantziara Italiako azken geltokiraino, Ventimigliaraino, iritsitako etorkin gehienak. Lehenbizikoz atxilotu zuten zenbait andre eta ume eritrear Ventimiglian hartuta etxeraino eramateagatik, polizia italiarrek frantsesei jakinarazita. Orduko hartan prokuradoreak erabaki zuen ekintza humanitarioa egin zuela. 60 iheslari kanpin humanitarioan Geroztik Herrouk Roya Citoyenne  elkartearen babesean laguntzen du. Laster, jendea iritsi eta iritsi, 60 baino gehiago baserri txiki baten inguruetan ahal bezala aterpeturik, elkartea hasi zen etorkinak sartzen SNCF tren konpainiaren instalazio abandonatu batzuetan. Bigarren atxiloketa orduan, okupazio ilegalagatik eta etorkinak Frantzian legearen kontra sartzeagatik. "Hiru eritrear adin txikiko zeuden karabana honetan bideo bat ikusten, heldu ziren poliziak eta taka! eraman zituzten. Etorkinak erabiltzen dituzte kartoizko kaxak bailiran, traban baldin badaude hartu hemendik eta eraman horra. Baina gizakiak dira! Jendeak, beren iragan eta desioekin, familiak zain dauzkatenak, gizon bat edo emakume bat elkar maite dutenak, beren haurrak eta gurasoak maite dituztenak, Italian geratu edo bidean hil zaizkien gurasoengatik negar egiten dutenak. Ez dira kartoizko kaxa puta batzuk!". Baina traba egiten dute. Libian milioi bat migratzaile daude zain, bakoitzari lau edo bost mila euro kobratuta Saharaz beheko herrialdeetatik kontrabandistek ekarrita. Handik Mediterraneoa zeharkatuz Lampedusa uharte italiarrera. Hemendik Italiako lehorrera, penintsula behetik goraino zeharkatuta Frantziako mugara iristeko. Ventimiglia eta Menton arteko tren eta autopistak oso kontrolatuta daudenez, etorkin asko saiatzen dira Roya haranetik, Italiako lurretan itsasoratu baina Frantzian sortzen den ibaiaren arroan gora: Breil-sur-Roya, Saorge, Tende, Sospel… Errepideak bezain traketsa da hemen muga. Bailarako herritarrek ehunka etorkini eman diote babesa. Nathalie eta Raphaël antzerki munduan dabiltza eta etxera bidean gauez aurkitu dituzte sarri, berdin elurretan galduta. "Lehenbizikoz norbait hartu nuenean, bazkalondoko 14:30ak ziren, ni haur txikiarekin nindoan eta bidean ikusi nuen norbait oinez sekulako ekaitzaren erdian. Hiru ziren, oso gazteak. Hartu beharra neuzkan. Gau osoa oinez emana zuten, trenbidean zehar. Nora zihoazen galdetuta 'Parisera' esan zidaten, baina kontrako norabidean zihoazen, 'ez zoazte Pariserantz, berriro Ventimigliara zoazte' eta hori entzundakoan lehertu egin ziren". Errefuxiatu bakoitzak dakar historia bat kontatzeko, sarritan irrifarrea erabat galdu gabe gertakizunik latzenak azaltzeko, gerrak, kanporatzeak, kartzela aldiak, torturak, itsasoaren zeharkatze dramatikoa, urpean lagatako lagunak… Asko adin txikikoak dira. The Guardian eko kazetariak filmatzen ari direla, Herrouk Breileko plazan arrautzak saltzen dituen bitartean, jendarmeak etorri zaizkio. Kortesiazko bostekoa. Elkarrizketa surrealista. Elkarlan derrigortuan ari dira mugalari boluntario susmagarria eta beren buruek urrun agindutakoak lekuan aplikatu behar dituzten poliziak. Ageri da elkar errespetatzen dutela. Diote poliziek autobus bat datorrela adin txikiko errefuxiatuak aterpetxe batera eramatera, non daude, ez daukat mobila deika hasteko, ekarri behar dira gaztetxoak, nola ez duzue aurretik jakinarazi, deitu adin txikikoak aterpetuta dauzkaten guztiei… Poliziak zerrendak osatzen, autobusak zain, mutikoen besarkadak boluntarioei, eta badoaz. Baina etorkin asko da Europarako bidean, uholde hau ez da agortuko.
news
argia-6d136986b876
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2560/bakarra-da-egia.html
Bakarra da egia
Angel Erro
2017-07-02 00:00:00
Bakarra da egia Troll-a naiz sare sozial batean, jendaurrean erakusten dudan jarrera politikoaz oso bestelako iritziak plazaratzeko. Gertuko lagun batek oparitu eta eskainitako liburu bat saldu dut bigarren eskuko liburu denda batean, eskaintza idatzita agertzen zen orrialdea erauzita. Ez diot lagun on bati inoiz kontatu bere senargaiarekin sexua izan dudala, biak etxean zeudela. Auzokidearen WiFia erabiltzen dut. Nafarroako politikari garrantzitsu baten argazkia dut streaper batekin, inori erakutsi ez diodana, atzeratzeko une egokiaren zain. Mutil-lagunaren mugikorreko mezuak nire ordenagailutik irakurri ahal izateko sistema erabiltzen dut. *   *   * Beharbada egiarekiko harreman gatazkatsua izan daiteke gaur egungo gizartea hobekien deskriba dezakeena. Berez, edozein gizarte aldaketak egiaren paradigma aldaketa dakar. XIX. mendera arteko egia bakarraren eredutik egiaren aurpegi askotasunera, bakoitzak bere egia duelako ustekizunera, nolabait esateko, egiaren liberalizazio edo, nahiago bada, pribatizaziora. Baina zantzuak badaude hortik haragoko urratsa ematen hasi garela. Gertakizunean murgilduta gauden heinean gaitz zaigu egiaren aurpegi berriak (post-egiak, niaren literaturak benetakotasunaren arietearekin fikzioa eraisteko lanak) zer ekarriko duen. *   *   * Nire irudiko azkenaldiko literaturan eman den paradoxa bat autofikzioak ekarri du. Fikzioak errealitatearekin eraikia zuen harremanean egiak tokirik ez edukitzeak tarte handiagoa uzten zien idazleei egiatiak izateko, barruko demonioak azalerazteko, orain autofikzioak ezartzen duen harremanean baino. Are nork bere burua nahita zabar deskribatzearen atzean irakurleak pentsa dezake malditismoaren bidezko edertze bat dagoela, gehiegizko zuritze bat bezain susmagarria. Nire ustez, autofikzioaren egia ustekizunak bere kontra egiten du. *   *   * Aurrekoan bururatu zitzaidan fikzioa eta egiaren arteko harreman berria ezartzeko bide kuantikoa izan zitekeela. Esperimentua egitea bururatu zitzaidan. Bi zerrenda osatuko nituzke: lehenean, inori aitortu ez dizkiodan gauza lotsa emangarriak, egia gordin tratatu gabeak, edertu gabeak. Beste zerrenda batean nireak ez diren (baina izan zitezkeen) bekatuak aletuko nituzke, pertsonaia bati egozgarriak, beraz, egin izan banitu aitortuko ez nituzkeen gauza halaber lotsa emangarriak. Bi zerrendak bata bestearen ondoan eman, irakurleari (kasu honetan, zuri) segurtatuz haietako baten ekintza guzti-guztiak egin ditudala eta bestearen bakar bat ere ez. Bakarra dela egiazkoa. Horrek, esperimentua ongi ateratzen bada, bermatuko luke idazketa egia-eramaile bat, baina aldi berean fikzioari eremua ukatu gabe. Irakurleak ez du nitaz deus gehiago jakinen, ezinen nau zehatz epaitu, ez nire lekukotasuna zalantzan jarri, egiarekiko engaiamendua ere ez. Schrödingerren tankerako egiarekikoa. *   *   * Ama hil zen goizean bertan ospitale bereko erizain batekin kontaktatu nuen Grindren bidez. Ez zait Proust benetan gustatzen, ez diodan bezainbeste behintzat. Euskara ikasten hasi nintzen polizia nazionala izateko erabilgarria izanen zitzaidalakoan. Artikulu honen muina plagiatu dut aldizkari honen irakurle batez bestekoak irakurriko ez duela uste dudan (beste hizkuntza bateko) blog batetik. Droga eskaintzen didatenean sartzekoarena egiten dut, baina putz egiten dut sudurreratzeko keinuarekin batera. Uste dut naizela euskaraz jardunean ari den euskal idazlerik onena.
news
argia-06de9ed416f8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/ezkerra-jokoz-kanpo-frantzian.html
Ezkerra jokoz kanpo Frantzian
Asier Blas Mendoza
2015-12-20 00:00:00
Ezkerra jokoz kanpo Frantzian Mamu bat dabil Europan barrena, eskuin muturraren mamua. Ez da Frantziako arazoa soilik, oro har Europako herrialde askotan zabaltzen ari den fenomenoa da. Ezkerra jokoz kanpo dago. Klase apalek eta globalizazio kapitalistarengatik jipoituek geroz eta babes handiagoa ematen diote eskuin muturrari. Fronte Nazionalak (FN), Europako Parlamenturako hauteskundeetan bezala, Frantziako erregio hauteskundeak irabazi ditu lehenengo itzulian. Gauche divine guztia asaldatuta dago. Nola da posible hainbeste intolerantzia? Globalizazioak desberdintasunen hazkundea ekarri du. Pobrezia pairatzen dutenentzat krisia ez da behin-behinekoa, bizimodu bat baizik. Aldiz, klase ertain-altuek eta ongizate estatuaren arrastoetako enplegu egonkor eta ondo ordainduak dituzten langileek ez dute krisiaren gordintasun osoa nabaritu. Ez dira gutxi asteburu bat Berlinen, zubi bat New Yorken eta oporrak Malaysian igarotzen dituztenak. Familia bakarreko etxebizitzetan eta auzo cool etako loft etan ez da ohikoa zure bizilagunek goizeko ordu bietan musika ozen jartzea. Hori bai multikulturalismo tolerantea praktikatzeaz harro daude, urrutitik noski. Burgesturiko ezkerrarentzat galdutako borroka omen da neoliberalismoari oldartzea, eta tira, berauei ez zaie hain gaizki joan, horregatik orain balore postmaterialista eta postmodernoetan sostengatzen dute ezkertiar ideologia. Ildo horretan, aniztasuna asko maite dute beraien eguneroko bizitzan espazio txikia okupatzen duen artean. Esate baterako, unibertsitateko ikerlari edo enpresako teknikari etorkinekin duten harremana oso horizontala da, izan ere, etorkinen artean ere klaseak daude. Berriz, langile klaseko etorkin familiak auzo txiroetan eta bertako eskola publikoetan daude, urrun. Hori bai, burgesturiko ezkerrak irmoki kritikatuko du etorkinekin –diru laguntzengatik eta lanarengatik– lehiatzen diren beste langileen "kultura eta tolerantzia falta". Urruti gelditzen zaie Marxek azaldutako ideia sinplea: langabetuak (eta orain etorkinak ere bai) dira burgesiaren ejertzitoa eskulanaren prezioa merkatzeko. Urrun daude errealitate horretatik, eta beraz, Marine Le Peni botoa ematen dietenei arrazista deitzen diete mespretxuz. Eskualdez eskualde, Frantziako mapari begiratuta FNren indarrak korrelazio positiboa azaltzen du desberdintasun sozialekin, geroz eta pobrezia eta langabezia gehiago, hauteskundeetan orduan eta pisu handiagoa du FNk. Eskuin muturra langile, langabetu eta gazteen artean gain ordezkatuta dagoen artean, klase ertain-altuaren artean nabarmen dago azpi ordezkatua. Horregatik, Fronte Nazionalaren demonizazio sinpleak fenomenoa elikatzen du. Alde batetik, pentsamendu bakarra irmotzeko balio du: denok batu behar dugu mamuaren kontra, eta beraz, ezkerrak apo batzuk (asko) irentsi beharko ditu mamuari aurre egiteko. Bestalde, gauzak aldatzeko alternatiba bakar gisa FN geratzen da, egungo egoera sozioekonomikoari aurre egiteko pentsamendu kritikoa monopolizatuz. Bitartean, alderdi arruntek belizismoa besarkatu eta FNren segurtasun agenda egikaritu egiten dute. Ezkerrak berriz, giza eskubideen eta tolerantziaren diskurtsoarekin saihestu egiten du FNren igoeraren atzean dagoen klase arazoa seinalatzea. FN biluzteko modurik eraginkorrena ezkerretik subiranotasuna berreskuratzeko proposamenak egitea da, aberastasunaren birbanaketaren beharra azpimarratuz eta antinperialismoaren eta bakezaletasunaren banderak berreskuratuz.
news
argia-ada344a4e292
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/bizi-baratzea.html
Komikilariak Errekondoren kontsultan
unknown
2015-12-20 00:00:00
Komikilariak Errekondoren kontsultan Alberjiniak astun ospea du. Berarekin lan egiten duen baratzezainak, badaki, mainatia da, konformagaitza, elkar ulertzeko zaila eta berehala arantzak erakusten ditu, txorrotx. Sasibidea da alberginiaren hazkuntza. Heavya! Jateko bai samurra eta goxoa arabeek ekarri zigutena... Alberjinia musikariak luarraren kanta osa dezan hitza: KONPOST, KAKETAN PLOST GORA LUARRA Konpostari izana handik ez datorkio, Konpostelatik nirea bai izena Santio, gure aitak berea zenari zor dio. Galegoek, guk bezala, ipurdian zuloa, aurretik sartzen, atzetik ateratzen, bizia sortzekoa. Hemendik aurrera, gaurtik atzera bizi-bizitzekoa. Konpost? Nahi duenak esan beza; niri bost! Txikitan ikasi genuen: kaketan plost! Sastaixe, atalohia, kortalohia, lur-gorotza, luarra... ez da, ez, luharra; nahi duenak ase beza jakinminaren harra. Sats, simaur, gorotz, lur-ustel, kaka, zirin; azpi, etzauntza, ohatze, azpigarri, inaurkin... zer ikasia badugu, nahiz eta ustez erruz jakin.
news
argia-8bbb81327a63
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/estatu-islamikoak-nahi-du-kalifato-zaharrera-itzuli-sare-sozialen-gainean.html
Estatu Islamikoak nahi du kalifato zaharrera itzuli sare sozialen gainean
Pello Zubiria Kamino
2015-12-20 00:00:00
Estatu Islamikoak nahi du kalifato zaharrera itzuli sare sozialen gainean Estatu izan nahi lukeen egitura finkatzeko ahaleginean ari da EI Irak eta Sirian kontrolpean dauzkan eremuetan: otomanoen inperioaren ezaugarriak oroitarazten dituen kalifato bat, basailutza harremanetan oinarritua, eta aldi berean sare sozialen bidez komunikazioa erabiliz mugimendu sozial modernoenak bezain arin. Hiru edo bost milioi jende bizi dira 2015eko abendu honetan Estatu Islamikoak Iraken eta Sirian kontrolpean dauzkan eremu zabaletan. Ikuskizun dago egituratze politiko berria ondoko hilabeteetan norantz bilakatuko den hura desegiteko potentzia handiek antolatu duten ofentsibaren sutan, baina dagoenekoz esperimentuak hartu du munduak kontutan hartzeko moduko gorpuzkera. Matthieu Rey irakasle frantsesak azaldu du Estatu Islamikoak bereganatutako eremuetan antolatu duen egituraketa. Unibertsitateko doktore gaztea, arabiera ikasia, Europar Batasunaren diru-laguntzaz Udaberri Arabiarrak ikertzen dituen WAFAW programaren barruan aztertu du gaia, gero "Aux origines de l'Etat islamique" artikuluan laburbildu duena. Mendebaldearen amesgaiztoa bilakatu denez, EIren ezaugarri batzuetan arakatu dute hemengo hedabideek bezala ikerlariek: basakeriaren erabilera, tximistaren abiadan hedatzeko ahalmena, Ekialde Hurbila hankaz gora jarri izana, mundu osoko gazteak erakartzea... Aldiz, Reyk erreparatu dio islamistek mugimenduaren izenean aldarrikatzen duten horrexi: estatu izaerari. Hasteko, dio Reyk, askok uste dutenaren kontra EIk ez ditu leherrarazi bi estatu klasiko, ez behintzat mendebaldarrok estatutzat jo ohi ditugun horietako bi. Bai Siria eta bai Irak XX. mende bukaeratik zeuden estatu moduan gain behera etorriak. Biak datoz baathismotik. 1960ko hamarkadan, deskolonizazio urte haietan, Sirian bezala Iraken agintea Baath mugimendu nazionalista arabiar sozialistak hartu zuen. 1970.erako bi mugimendu berezitan etsaituak zeuden. Irak eta Iranen arteko gerra odoltsuak are gehiago urrundu zituen elkarrengandik, Siriak Iranen alde jokatuz. Baina bietan, Matthieu Reyk elkarrizketatu dituen adituen arabera, agintari nagusiek antzeko jokabidez usteldu zituzten hasierako estatu moderno aurrerazale itxaropen haiek. 1970tik 1990 artean bi sistema politikoek instituzio bihurtu zuten ez-egonkortasun politikoa, suntsituz aurre egin ziezaieketen antolaketa politiko eta sozial oro. Saddam Husseinek Iraken eta Jafez al Assadek Sirian agintea beren pertsonengan zentralizatu zuten, fideltasun pertsonala ezarriz gizartean aurrera egiteko edo hondoratzeko lege. Ordainetan nork bere herrialdea taxuz egituratu gabe laga zuten. Iraken apokalipsia lehertu zen  2003an AEBek inbaditu zutenean; Sirian 2011n herritarren matxinada lehertu eta laster gerra zibil bihurtzean. Estatu Islamiarra 2004an agertu zen Iraken, aurrez indarra hartzen ari ziren tribuen egiturak beretzako baliatuz. Baina David Petraeus jeneral amerikarraren estrategiak lortu zuen hura menderatzea. 2009rako Irakeko matxinada kontrolpean zeukatela uste izanda, Nuri al Maliki xiita agintean jarrita 2012ran AEBetako armada Iraketik irteten hasi zen. EIren bigarren erasoa antolatuko du Abu Bakr al Baghdadik eta berehala Siriara zabalduko. Basailutzan antolatu  egitura anitza   Matxinoei antzeko moduan erantzun diete Bagdadeko eta Damaskoko gobernuek: polizia eta armada erretiratu kontrolatzeko nekezak diren eremuetatik, disidentzia bihurtu barneko etsai, herritar multzo osoak kriminalizatu... Justu horrek eman dio hauspoa Estatu Islamikoari, eskueran utziz gizarte atal osoak, lur eremu aginterik gabekoak. Eta 2013ko apirilaren 9an Irak eta Siriako Estatu Islamikoa ofizialdu zuen. Baina nola ari da estatu hori gorpuzten? Hasteko, lurraldea kontrolatuz itzal egingo dion edozein aginte kanporatuta. Horretarako lurralde osoa dago check point kontrolez josia. Barneko poliziarik ezean, EIk kontrol horien bidez gainbegiratzen ditu jende eta salgaien trafikoak, Estatuaren ikur sinboliko ere badirelarik. Baina kanpora begirako mugarri garbirik ez du Estatu Islamikoak. Ahalegin militarra etsaiak menderatu eta eremuak konkistatzean datzan arren, eten gabe aldatzen dira fronteak eta talde txikien arteko aliantzak, muga fisikoak ezartzea zaila da. Bestalde, EIk ez du nazioartearen onarpenik bilatzen, arerioen kontrako borrokak definitzen du. Baina Abu Bakr al Baghdadik agintzen duenetik, EIk bere menpe hartuei basailutza aitormena eskatzen die. Erdi aroa edo otomanoen inperioa berpiztu balira bezala, bideoek erakusten dituzte konkistatuko herrietako buruzagiak eta herritarrak banan bana agintariekiko morrontza onartzeko erritua betetzen. Basailutza harreman honek betekizunak ematen dizkie bi aldeei, eta egokitzen da lekuan lekuko ezaugarrietara kasuistika zabalean. Adibidez, Deir el Zur hiri inguruetan Siriako Armada Askeko jeneral batek dilema hau zeukan: edo EIren kontrako borrokan segi galtzera kondenatuta, edo morrontza aitortu EIri. Jeneralak basailutza pertsonalki onartu zuen, kolpe berean EIren lekuko ordezkari bihurtuz. Aldiz, Alepo inguruetan Ahrar al Sham mugimendukoak ziren gudari batzuek kalifa berriari obeditzea egin zioten zin, azken erasoan beren estatu goren osoa akabatu ostean. "EI –dio Matthieu Reyk– sare malgu bat da, bere geometria aldakorrean taldeek menpekotasuna edo obeditzea aitortzen dute, eta ordainetan eskubide multzo baten jabe egiten dira". Zentroaren kontrola badirudi lausoagoa dela landa eremuetan, zurrunagoa hiriguneetan. Buruzagitzak gerra betean eguneroko bizitzako beharrak segurtatzearekin nahiko lan duenez, lekuko erakundeek sarritan lehen bezalatsu funtzionatzen segitzen dute, auzitegiek esate baterako. EI zentralaren diru sarrerei dagokienez, ezaguna da horiek eskuratzen dituela lehengaien salmentatik –petrolioa batik bat–, eguneroko salgaien zergetatik eta gerrako harrapakinetatik. Hala ere, estatu egituren eskema honek oroitarazten digun arren otomanoen inperioa, EIri munduan oihartzun izugarria eman dion komunikazioa marketin oso moderno batekin antolatuta dago. Zenbait ataletan, EIk sortzen duen komunikazioak antza gehiago dauka Gobernuz Kanpoko Erakunde baten estiloarekin, talde lokal bakoitza bere propaganda sortzen, denak elkarri oihartzun eginez sare sozialen ereduan… Horra EI zango bat duela antzinako basailu harremanetan jarria eta bestea bai forman eta bai diskurtsoan ekintza publiko postmoderno bat sustatzen duen komunikazio txit berritzailean.
news
argia-6caac7439e65
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/piramideari-titulua-kendu-zion-eraikina.html
Piramideari titulua kendu zion eraikina
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-12-20 00:00:00
Piramideari titulua kendu zion eraikina Ezagun da Gizako piramidea munduko egitura artifizialik altuena izan zela luzaroan; zehazki, 3.871 urtez. Baina 1311. urtean zerrendako lehen postuan ordezkatu zuen eraikina, Lincolneko katedrala (Lincolnshire, Ingalaterra) ez da hainbestetan aipatzen. Piramideak 146 metroko garaiera du, eta katedralak 160 metro zituen eraiki zutenean. Inork ez zion katedralari ohore hori kendu, berak bakarrik galdu zuen, eraiki eta 238 urtera, erdiko orratza amildu zenean –eta berreraiki ez zutenean–.  Baina eraikinik garaienaren titulua ez zen Egiptora itzuli, Stralsundeko (Alemania) Santa Maria elizak piramide handienak baino bost metro gehiago baitzuen.
news
argia-cae2160062c6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/nafarroako-unibertsitate-publikoan-ikasleak-euskara-irakasle.html
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasleak euskara irakasle
Iru�e Astitz Larunbe
2015-12-20 00:00:00
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasleak euskara irakasle Duela hiru urtetik hona Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) euskarazko eskolak ematen ditu Euskara Taldeak. Bertako ikasleek eskolak doan ematen dituzte, unibertsitatea euskaldundu bidean. Unibertsitateko ikasle, irakasle, langile eta unibertsitate kanpoko edozeinek oinarrizko euskara ikasteko aukera du. Ikasturte hasieran 15 pertsonako bi talde osatu zituzten, eta mintzapraktikarako taldea ere bai. Ikasleez gain, aurten unibertsitateko bi langilek eta bertan ikasten duen guraso koadrila batek eman dute izena. Astean bitan ematen dituzte eskolak, ordubeteko saio banatan. Ikuspuntu akademikotik aldendu eta giro atsegina sortzen saiatzen dira irakasle bihurtutako ikasleak. Euskara ikasleek goza dezaten eta elkarren arteko harremanak sendoak izan daitezen saiatzen dira. Ohikoena, ikasleek euskararekin eta euskal kulturarekin harreman oso urria izatea da. Euskara Taldeko kideen ustez, irakasteko modu dibertigarria erabiltzeak eta eskolak musu-truk izateak jarrera ona eragiten du ikasleengan. Euskara Taldea NUPeko Ikasle Abertzaleaken baitan sortu bazen ere, handik urtebetera Ikasle Abertzaleaketik atera eta campus mailako talde independente moduan kokatu zen. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarak duen agerpen gabeziaz jabetuz, euskaraz bizi eta ikasi nahi duten ikasleek osatzen dute ordutik Euskara Taldea. NUPen euskaraz ikasteko aukera murritzak daude, soilik Magisteritzari dagozkion graduak ikas daitezke euskaraz. Gainontzeko ikasketetan ikasgai gehienak dira erdaraz. Ikasgelatik kanpo euskaraz egitea ere zaila da. Administrazioko langileen artean eta kafetegian adibidez, euskaraz dakien norbait topatzea nekeza dela salatu izan dute urte luzez NUPen euskararen gaia jorratu duten ikasle taldeek. Euskararen Eguna eta Korrika Euskararen Eguna hasieratik ospatu dute, alde batetik euskarak unibertsitatean duen presentzia urria salatzeko, eta beste aldetik euskarari beharrezko tokia emateko. Joan den ikasturtean, Korrika Iruñetik igaro zela probestuz LABeko kideekin eta UNEDeko euskara taldearekin batu eta horren inguruko hausnarketa egin zuten. Horretaz gain, Ikasle Abertzaleak eta Eraldaturekin batera Herri Unibertsitatea antolatu zuten NUPen. Euskararen aldeko plataforma 2014-2015 ikasturteko errektoretza hauteskundeen harira, euskararen alde lan egin nahi duten ikasle, irakasle eta unibertsitateko langileak batu ziren eta euskararen aldeko plataforma sortu zuten. Errektoretza talde berriari euskararen inguruko gutxienekoen eskaera egin zioten, hiru ildotan banatuta. Lehenik, irakaskuntzarekin lotutako gaiak leudeke; euskaraz eskaintzen diren kredituen kopurua eta irakasleen euskara maila handitzea. Bigarrenik, unibertsitaterako zerbitzuak kontratatzeko orduan euskara maila kontuan hartzea, baita kontratatuta zeudenei euskarazko formakuntza eskaintzea. Hirugarrenik, euskarazko eta euskara oinarri duten kultur jarduerak ugaritzea eskatu zuten. Errektoretzarako hauteskundeen baitan eratutako taldea bada ere, gaur egun elkartzen jarraitzen du, eta tartean da Euskara Taldea. Irakasleen %75,43k ez du euskarazko ezagutzarik Nafarroako Unibertsitate Publikoa 1987an sortu zen. 2013-2014 ikasturteko datuen arabera, 7.780 ikasle inguru ditu eta 859 pertsona daude irakasle eta ikertzaile lanetan. 18 gradu titulazio, bi gradu bikoitz eta 20 unibertsitate master eskaintzen ditu. Eskaintza horretatik Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Irakasleen Graduak baino ez dira osotasunean euskaraz. Gainerako graduetan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleak Prestatzeko masterrean euskarazko irakasgai gutxi batzuk hautatu ditzakete ikasleek. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Irakaskuntza antolatzeko errektoreordetzak hizkuntza plangintzarako zuzendaritzaren 2007-2015eko memorian jasotzen duenaren arabera, euskaraz dakiten ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora. 2004-2005 ikasturtean %18,79k zekien euskaraz eta 2014-2015 ikasturtean %27,45ak. Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, eta 2014-2015 ikasturtea kontuan hartuta, euskarazko C1 edo EGA du %14,57ak eta %10ak euskarazko ezagutzak ditu. Beraz, irakasleen hiru-laurdenak ez du euskarazko ezagutzarik. Pablo Sotes, Nekane Oroz eta Carlos Vilches irakasleek 2013an NUPeko ikasleen jarrerak eta usteak elebitasunaren eta hezkuntza elebidunaren aurrean izeneko ikerketa aurkeztu zuten. 2005-2006 ikasturtean 2.048 ikasleri elkarrizketak egin zizkieten eta eztabaida taldeak ere bai. Besteak beste, haien hizkuntza gaitasuna ezagutu nahi zuten. Inkestaren arabera, ikasleen %14k zuen euskara ama hizkuntza edo euskara eta beste hizkuntza bat ama hizkuntza; gaztelania soilik ama hizkuntza zutenak ikasleen %84 ziren. Dena den, inkestan parte hartutako ikasleen %40k euskaraz aritzeko gaitasuna zeukan. %20k euskarazko oinarrizko edo goi-mailako tituluren bat zuten. Ikasleen %60 baino gehiagoren arabera euskara ez zegoen normalizatuta. %76,5ak euskarazko irakasgaiak ugaritzea komeni dela adierazi zuen, eskaintza urria delakoan.
news
argia-62586b981d04
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/turroia-eta-lastoa.html
Turroia eta lastoa
Oihana Etxebarrieta
2015-12-20 00:00:00
Turroia eta lastoa Loteria saltzailearen hitzak, urtero zenbaki bera erosten duenaren argazkia; pasa orria, erosketak eta deskontuak; itxi egunkaria.  Telebistan krisi garai hauetan gabon afari eta dekorazio eder baterako gomendioak; aldatu katea, turroiaren iragarkia; itzali telebista. Irratian Eguberriak kanpoan pasatuko dituenaren hitzak, bata Alemanian, bestea Txinan eta azkena Kanadan; itzali irratia. Ez dira oraindik egun seinalatu horiek baina zenbait komunikabidek izango dituzten hizketa gaiak aurreikusi ditzaket. "Ez daukagu zertaz hitz egin", eta beraz, betiko kontuak errepikatuko dituzte. Guri interesatzen zaizkigulako kontatzen dizkigute edo hainbeste aldiz aipatuta azkenik interesatzen zaizkigulako? Merkatuaren eta sistemaren logika jarraituz, urteko egun eta ordu guztietan zer kontatuko zaigun erabakita daukagu aldez aurretik eta horrek gugan guztiongan duen eragina ikaragarria da (irakur agenda-settingaz). Horren aurrean gure kabuz egin beharko dugu aurrera edo hilko gara. Hil ideiez, grinez, ametsez, etorkizunez eta iraganez. Gure baliabideak ezagutu eta erabili behar ditugu, baina ez sakralizatu. Ikus dezagun gure begian dugun lastoa, atera dezagun eta Argiago jarraituko dugu bidea.
news
argia-ed2f42910a68
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/ilargia-eta-atzamarra-biak-balioan-jarri.html
Ilargia eta atzamarra, biak balioan jarri!
I�aki Antiguedad
2015-12-20 00:00:00
Ilargia eta atzamarra, biak balioan jarri! Ezker subiranistarena bezalako prozesu bati noizean behin osasuna ebaluatu behar zaio, prozesua aldatzailea ala aldakorra izaten ari den argitu eta horren arabera jarduteko. Eta gureak aldatzailea nahi du izan. Osasun azterketan zantzu kuantitatiboak, zenbakitan emanak, eta kualitatiboak hartu behar dira kontuan. Hauteskunderik hauteskunde prozesuak lortutako botoen segidak ematen du neurri kuantitatiboa, botoen atzean pertsonak izanik. Eta horri erreparatuta ez dirudi prozesuak duen potentzialtasun soziala lortzen ari denik, ez behintzat jauzi kualitatiboa emateko bestekoa. Hortaz, hauteskunde guztiak dira inportanteak, urrunekoak ere bai, prozesuak eskatzen duen pausa gabeko bidean ezin baita inoizko lehia kuantitatiboan ezker subiranisten espazioa hemengo burujabetza gabeko kudeaketan edo hango burujabetzapeko ezkerrean ari direnen esku utzi. Burujabetza Berton dugu apustu soziala; eta Aldaketa, bide. Zantzu kualitatiboak zailak dira neurtzen; "ustekabean" azalera datozen arte. Edonola, noizbait jauzi kuantitatiboak emango baditugu, gizartean zabal sustraitutako nahi eta beharrengatik izango da. Katalunia dugu honetan ikasgai, derrepentean, ustez, azaleratu delako hango imajinario sozialean luze metatutako sumindura. Ez da gure egoera, suminduak izateko hamaika arrazoi metatuta ere; gauzak ondo egiten ez ditugun seinale. Gogoeta egin beharko genuke horretaz, batez ere iragana ez baizik eta geroa helburu, eta oraina helbide, dugunok.  Hortxe koska, gure apustu sozio-politikoaren ardatz diren Burujabetza eta Aldaketarako bideak, apropos pluralean idatzita, zabaldu, sakondu, uztartu eta gizentzen asmatzea, kontraesanak kontraesan. Kualitatiboan ere, biharko jauzien bultzagile. Hauteskundeetatik harago, erakundeetatik honago, burujabetzaren beharra pedagogiaz zabalduz, sinesgarritasunaz lortuz. Akabo, bestela. Eta horrek pentsamoldearen iraultza eskatzen du, beste iraultzetan pentsatu baino lehen. Bidea ibiltzen egin. Esanak eta eginak biderkatu behar, prozesuak behar duen egitura poliedrikoa sendotzeko. Poliedrikoa, mami, eta aurpegi, asko eta askotarikoak behar dituena. Asko dago horretan ikasteko, nork bere hartzen duen esparru motzekoa prozesuaren osoa ez baldintzatzeko bestekoa. Dena da inportantea, baina are inportanteagoa prozesuak bidea egitea, eraginkor. Prozesuak egutegiko egun guztien beharra du; gehiago baleude horiena ere. Hauteskunde kanpainakoak barne. Baliatu ditzagun ilargia eta atzamar-punta, biak ala biak, balioan jartzeko; beste batzuk tematuko dira atzamar-puntan, alde biko izateko baten bat etorriko delakoan. Gu geurean, zintzo.
news
argia-7fa8f4b9fd7f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/mordontxiloz-bete-beterik.html
Mordontxiloz bete-beterik
Jakoba Errekondo
2015-12-20 00:00:00
Mordontxiloz bete-beterik Paulo Anduagak honela dio: "Bizkaian, Arratia bailarako Zeanuri herrian jaio zen Larrakoetxea 1894ko ekainaren 23an, Undurraga auzoko Altxagutxi baserrian, eta Oñatin Laterandar Kanonigoen komentuan hil zen 1990eko uztailaren 10ean, 96 urte zituela" , Bedita Yon Larrakoetxea Agirrezabala fraideari buruz idatzitako liburuxkan. Bere paisaietako hizkuntzaren aldeztaile porrokatua zen Bedita, eta ahalegin horren ondorioz euskaltzain ohorezko izan zen. Adituko zituen makina bat kanpai-jotze saio, hots soinu eta doinu: letxuga-kanpaiak, garbantzu-kanpaiak, emakumeen hil-kanpaiak eta abar. William Shakespeareren antzerki languztiak ekarri omen zituen euskarara; tartean Ekatxa (The Tempest). Bertan, honela azaltzen du nor den Keretz: "Erromarren yainkono da, Saturna ta Opits'en alabea. Gizaikiai lur-lantzea irakatsi ei eutsen" . Ondoren grekoentzat Demeter dela argitzen du. Egun, Euskaltzaindiaren arabera, Zeres da. Lurra lantzen erakutsi omen zuen jainkosa horren ohorez laboreei esaten zaie zereal. Ekatxa obran bertan, jainkoen bidari eta ostadar gisara azaltzen duen Iritzek honela dio: "Keretz, andera esku-zabal esku-zabal ori, zure garitza, zikiriotza, garagartza, zalketza, olotza ta idartza yori-aberatsak" . Horrek begia jo eta arreta harrapatu dit: idartza, olotza, zalketza... Zein paisaia ederrak. Jainkotu berak egin zuen hizkuntza. Begira altxor horretan Keretzen ahoan jartzen duen beste perla hau: "Lurrak dakarrena ta ugaritasun oro, Aletegi ta kutxarik ez iñoz utsik; Maastiak mordontxiloz bete-beterik; Landarak ugaritasunez adar-makur; Beranduenez udabarria betorkizue Uztearen azken-azkenetan! Urritasun eta ezak zuokandik alde begi Keretz'en onespena zuontzako auxe bedi" .    Gurditzarra mordontxiloz mukuru lan utzi zigun...
news
argia-319f3d18f401
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/duela-5000-urteko-haurtzaindegia.html
Duela 5.000 urteko haurtzaindegia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-12-20 00:00:00
Duela 5.000 urteko haurtzaindegia Irak, 1930eko hamarkada. Irango mugan ia, Diyalah ibaitik hurbil, Eshnunna sumertar hiriaren arrastoak induskatzen hasi ziren, Chicagoko Unibertsitateko Ekialdeko Institutuaren gidaritzapean. Sumertar arrastoak nahasita aurkitu ohi dituzte, eraikinak zaharkituta zeudenean birrindu eta txintxorren gainean berria eraikitzeko ohitura zutelako. Horregatik zaila izan ohi da eraikinen mugak zehaztea, eta Chicagoko Unibertsitateko arkeologoek aztarnategia alderik alde zeharkatzen zuen bost metro inguruko lubaki zabala induskatu zuten. Interesgarria iruditzen zitzaien zerbait aurkituz gero, bilaketa eremua zabaltzen zuten. Horrela, hiriko agintari nagusiaren jauregia aurkitu zuten, eta, alboan, hiria babesten zuen Ninazu jainkoari eskainitako tenplua. Tenpluaren geletako batean objektu bitxiak aurkitu zituzten: terrakotaz egindako arkumeak, gazelak, elefanteak, txakurrak, lehoiak eta beste zenbait animalia. Ez zekiten eskultura txiki horiek zertarako erabiltzen zituzten eta, arkeologoek halakoetan maiz egiten duten moduan, kultu objektu gisa katalogatu zituzten.  Duela urte batzuk, ikerlariek objektuok berriro aztertu zituzten, eta pieza batzuek gurpilak –orduan asmatu berriak– edota uztaiak zituztenez, jostailuak zirela ondorioztatu zuten. Paul Kriwaczek historialariak, Babylon: Mesopotamia and the Birth of Civilization (2012) liburuan, horrela deskribatu zuen gurpildun jostailuetako bat: "Hamahiru zentimetro inguru da luze, terrakotaz egina dago, eta ahari buru txiki bat dauka gorputz zilindrikoari itsatsita. Lau gurpil meheren gainean dago eta aurreko aldean soka lotzeko zuloa du. Jostailu soila da, 3-5 urteko haurrek gozatzeko egina. Eta imajinatzen duzu ume bat, duela 5.000 urte, aharia herrestan eramaten hautsez betetako patio batean edo hiriko kale jendetsuetan". Edo haurtzaindegi moduko batean, jostailu guztiak eraikin baten barruan aurkitu baitzituzten. Sumertarrak haurren zaintzaz kezkatzen ziren, besteak beste haurren heriotza-tasa oso altua zelako. Inguru zingiratsu haietan gaixotasunak eta infekzioak oso erraz zabaltzen ziren, eta, ondorioz, pubertarora iristen ez ziren haurren portzentajea oso altua zen. Horregatik, bitartekoak zituztenek ahal zutena egiten zuten seme-alaben heziketa eta osasuna zaintzeko. Hala, Mesopotamiako beste hiri bateko garai bertsuko familia aberats baten langile eta esklabo zerrendan inudeak, haurtzainak eta sendalariak aipatzen dira. Horrek guztiak ondorio honetara eraman ditu ikerlariak: Eshnunnako haurrentzat –aberatsenentzat behintzat– ezagutzen dugun lehen haurtzaindegia antolatu zuten Ninazuren tenpluko gela hartan.
news
argia-24eb1b0bd15a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/grina-gutxi-kanpainan-eta-okerrenaren-zain.html
Grina gutxi kanpainan eta okerrenaren zain
Xabier Letona
2015-12-20 00:00:00
Grina gutxi kanpainan eta okerrenaren zain Abenduaren 20aren zain, hotz da hauteskunde giroa Hego Euskal Herrian.  Inkesten arabera, bozkatzera joango diren %40 batek oraindik erabaki gabe du bere botoa Espainiako Estatuan. Horrek esan nahi du inkestek ematen dituzten datuak ere gutxirako balio dutela, joera gisa ez bada bederen. Espainiako Diputatuen Kongresuak 350 eserleku ditu eta kontua da nork duen 176 biltzera iristeko gaitasuna. Bipartidismoaren amaiera emango ei da, baina ikusi beharko da zein neurritan. Inkesta denen esanetan, oraingoz honakoa litzateke irabazleen ordena: PP, PSOE, Ciudadanos eta Podemos. PPk irabaziko luke, baina gehiengo osotik arras urruti eta, beraz, Ciudadanosen beharra luke. Ez lukete arazo handiegirik akordioetara iristeko, baina egoerak hala eskatuko balu, ezta Ciudadanosek eta PSOEk euren artean ere. Edozein eszenatokitan, badirudi Ciudadanosek garrantzi handia izango duela Espainian. Alderdiko ordezkarien esanekin aski dakigu haien izaeraz, euskarari buruz egin berri duten azken erradiografiak haien barrena garden erakusten digu. Arabako Batzar Nagusiek euskarara hurbildutako arabar helduei egin zieten aitortza aho batez –PPk barne– onartutako adierazpenarekin. Ciudadanosek 1980-90eko hamarkadara egin zuen atzera diskurtso publikoan: "Arabako gizartearen 'euskalduntze' eredua inposaketa eta doktrinatze politikoan oinarritua dago, errealitatetik harago, euskarak Araban duen egiazko dimentsioa eta transzendentzia sozialetik harago". Moncloan PP eta Ciudadanos egongo badira ez da gaitza irudikatzea Madrilek berezko duen  joera zentralista. Akabo jeltzaleen ametsak Gernikako Estatutuaren erreformaz eta aldebikotasunean oinarritutako itunaz. Eta akabo bakearen gaia zentzuz bideratzeko EH Bilduren ametsak. Espainiako kaleak bor-bor egon dira hainbatetan azken bost urteetan, krisia eta ustelkeria tartean, PPren irudia lur azpian eta PSOEk eta Podemosek gobernatzearen esperantza hegan. Egoera horretan kulunkatu da hainbatetan Espainiako Bigarren Trantsizioaren ideia. Baina modu harrigarrian dena kea bailitzan desagertu da. Beti gelditzen da zirrikitu bat, ordea, alderdi espainiarrek itunetan beste alderdi batzuen beharra izatea, adibidez. Eman dira halako egoerak lehenago eta batez ere CiUk eta EAJk baliatu izan dituzte, bai PSOErekin eta bai PPrekin. Badoan legealdian 33 eserleku Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko eserleku abertzaleekin osatu dira. Orekak asko estutzen badira, erabakigarriak izan litezke. Nafarroan lehia bikoitza Geroa Bai EH Bildurekin lehiatuko da Nafarroan eserleku bat lortzeko Bost diputatu hautatuko dira Nafarroan eta bi UPN-PPrentzat izango dira, beste bi PSN eta Ahal Dugurentzat eta, inkesten arabera, azkena, oraingoz EH Bildurentzat. Oso posible da, hala ere, bosgarren hori koalizio soberanista eta Geroa Bairen artean lehiatzea. 2011n 7.000 boto gehiago atera zituen Amaiurrek, baina harrez gero behera egin du pixka bat, eta Geroa Baik Nafarroako Lehendakaritza du. Koldo Martinezek zer du aurka? Bera ez dela Uxue Barkos. Eta alde? Legebiltzarreko Geroa Bairen bozeramaile izateak ezagunago bihurtu duela.   Foru hauteskundeetan abertzaleen atzetik ibili ziren PSN eta Ahal Dugu oraingoan aurretik ibiliko dira seguruenik. Gauza bitxiak gerta litezke, esaterako, PPk eta Ciudadanosek ituna egiten badute UPNk Mariano Rajoyren alde egin beharko lukeela, bere bazkideak Hitzarmen Ekonomikoa ezabatuko lukeela adierazi duenean. Nafarroaren berezitasunetakoa da foru gobernua sostengatzen duten lau indarrak elkarrekin aurkeztuko direla Senatura. Lautik hiru senatari eramango dituzte seguruenik, baina baditu bere arriskuak ere, adibidez maiatzean baino boto gutxiago eskuratzea. Oraingoan ere, Ciudadanosek boto mokadu handia kenduko bide dio UPN-PPri. PSE-EE eta PP, berriro behera EAEn 18 diputatu hautatuko dira eta badirudi azken hauteskundeetako joera gailenduko dela: EAJ berdintsu aterako da edo akaso diputatu bat gehiagorekin (5etik 6ra); EH Bilduk behera egin dezake (6tik 5era); Ahal Duguk aurreikuspen oso ona du, inkesta gehienen arabera, 4 eserleku; eta PSE-EEk eta PPk beherantz jarraituko ei dute, nahiz eta hauteskunde hauek guztietatik aproposenak diren haiendako. Ahal Duguri dagokionez, ikusi beharko da nola eragiten dion Roberto Uriarteren dimisio guztiz ezohikoak, batez ere hauteskundeen atarian eman zelako. PPk eta PSE-EEk ere jarraitzen dute beren emaitza txarrekin, baina gaitza da sinestea inkestek iragartzen dizkieten emaitza horren txarrak erdiestea (bina diputatu bakoitzak). Hala ere, Ahal Duguren emaitza onak ere hor daude eta batez ere PSOEri eragingo diotela dirudi. Ciudadanosek, aldiz, PPri –edo UPN-PPri– asko eragingo dio, nahiz eta ez zaion aurreikusten eserlekurik Hego Euskal Herrian. Bestelako egoera zatekeen EAEn euskal gizarteko hainbat pertsona ezagunek uda aurretik deitu zuten ezkerreko hautagaitza batua aurrera atera izan balitz. EH Bildu, Ahal Dugu eta bestelako ezker txikiagoen batasunerako deia zen azken finean, maiatzeko udaletako bultzada baliatu eta, batez ere, ETAren ondorengo eszenatokian proiektu benetan berritzaile batekin sartzeko. Hori izango da euskal politikako etorkizun hurbil eta ertaineko erronketako bat, baina oraindik berde dago. Nafarroan aldaketaren indarrak elkarrekin aurkezteko aukerarik ez zen argi plazaratu, Geroa Baik berehala agertu baitzuen bakarrik joateko borondatea. Hala ere, EAEn bezala, egon ziren ezkerreko indarrak biltzeko bi proposamen, baina Ahal Duguk uko egin zien eskaintzei eta, ondorioz, Izquierda-Ezkerrak ere bai. Azken hauek Herritarren Batasuna aurkeztu dute, baina haien siglak besterik ez daude hautagaitzaren atzean. Estatuari begira, Katalunia izango da datorren legealdiko gune beroena. Urte bukaerarako oso posible da Junts Pel Sí-CUP korapiloa desblokeatzea, eta horrekin katalan eta espainiar legaltasun arteko lehen talka handia emango da. Kataluniari begira, gero eta gehiago dira pentsatzen dutenak Euskal Herrian ere beharko litzatekeela  harekiko elkartasuna agertuko lukeen  mobilizazio esanguratsu bat. Izango da aukerarik.
news
argia-e7c5a5af33e4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/naturak-inspiraturiko-jolas-parkea.html
Naturak inspiraturiko jolas-parkea
Mikel Garcia Idiakez
2015-12-20 00:00:00
Naturak inspiraturiko jolas-parkea Oinarri pedagogikoek gidatua, natura imitatuz eraikia, eta ikuskizun eta tailer bereziz betea. Bestelako haur-parkea da Bi urtaroen balada, Ekogunean (Donostian) zabaldu berri duten gunea. "Gure gomendioa da kanpora irtetea eta naturara gerturatzea, baina guraso askok ez du gogorik ez ohiturarik, eta gure herriko klima ere sarri ez da egokiena; horregatik, barrurako alternatiba bat eskaini nahi izan dugu, natura erreferente hartuta", kontatu digu Naiara Elorriaga Ekoguneko Hezkuntza arduradunak. Barrurako alternatiba honek 700 metro koadro ditu, 400 jolas-guneari eskainiak eta 300 aldagela, kafetegi, sukalde, harrera eta abarretara bideratuak. 0-12 urteko haurrengan pentsatutako gunea da eta capla xaflez muntatutako hiru soro eder ditu: soro txikia, ertaina eta handia, adin tarte eta konpetentzia ezberdinetara egokituak eta zuhaitz, sare eta bolez hornituak. Soroen artean, anfiteatro funtzioa egiten duen tartea dago, elkarrekin egoteko foroa. Hiru "negutegi" ere prestatu dituzte: sabaitik eskegitako eta patata fekulaz egindako oihalek osatzen dute negutegi bakoitza, argi-zuloak osatuz, tolesdurekin eta argiarekin jolastuz. Espazio intimoagoak dira negutegiak, bakarrik edo talde txikitan lasai egoteko beharra daukaten haurrentzat. Paretetako bat arbela da bere osotasunean –"mugagabe zabaltzen den landa-eremua, sormena lantzeko", dio Elorriagak–, eta arbelaren bueltan dago baserria, modu ugaritan eraiki daitekeen egitura, norberak asma dezan bere baserria. Eskailerak ditu, eta txirrista, poleak, ispiluak, imanarekin jolasteko piezak… Esperimentatzeko eta jolas sinbolikoa lantzeko espazioa da, batez ere. Azkenik, kolore ugaritako kutxak eskura dituzte umeek, guneak eskaintzen dizkien jolas egituretatik aparte beraiek beraien egiturak sor ditzaten. Material naturalez egindako jostailuak daude kutxetan: txotxongiloak, mozorroak, kakorratz edo oihalezko panpinak, eraikuntzarako jokoak, kartoizko eta egurrezko zaldiak… Jostailuak aldatzen eta berritzen joango dira. Lurra ere berezia dela azpimarratu du Naiara Elorriagak, haur-parkeetan erabili ohi dituzten kautxuzko laukien ordez, hainbat material uztartuz lur propioa sortu baitute, segurtasun neurriak betetzen dituena eta naturalagoa. "Toxikorik gabeko espazioa sortzea izan da gure premisetako bat, ahalik eta goxoena, material ekologikoak eta organikoak erabiliz. Material naturalez inguratzeak, zaratarik gabeko espazioa antolatzeak ematen duen lasaitasuna, naturak ematen digun lasaitasun hori, imitatzen saiatu gara". Jostailu elektronikorik ez dugu aurkituko gune honetan. Naturaren zikloen isla eta erronka anitzak Bi urtaroen balada izena du lekuak –gurean bi urtaro ditugulako bereziki markatuak–, naturan espazioa berez aldatzen ikusten dugun moduan, ziklo naturalekin dugun konexio hori ekarri nahi baitute jolas-parkera, haurren parte-hartzearen eta tailerren bidez. Esaterako, zuhaitzak loratuz edo hostoz betez, txoriak eta animalia jakinak ezarriz, elur malutak eginez… Pedagogia berdeak zipriztintzen du gunea, eta pedagogia berdeak dio naturarekin interakzio zuzena duten haurrak erlaxatuago bizi direla, adimen abstraktua, afektibitatea, gaitasun sozialak, autoestimua, sormena, enpatia… garatzeko lagungarri zaiela. "Pedagogia berdearen oinarrietako bat jolas librea da eta espazio hau jolas librerako pentsatua dago, funtsezkoa da guretzat", gaineratu du Elorriagak. Jolasa oso gauza serioa dela dio, haurrek ikasteko daukaten modua delako, eta ikasketa prozesu hori, jolas hori, norberak dituen interesetatik eta momentuan dituen beharretatik ematen bada, benetako ikasketa emango dela. "Gaur egungo ikasgeletan, haurrak sarri ez du aurkitzen momentu horretan bere neurrira dagoen erronkarik, erronka errazagoak edo zailagoak jartzen dizkiete maiz, eta naturan aldiz erronkak oso anitzak dira, hamar zuhaitz aurkituko ditu eta haur batek zuhaitz txikia aukeratuko du, bestea goragoko adarretara igoko da… Bada, aukera aniztasun hori ematen saiatu gara espazio honetan ere, ezagutza eta interes maila ezberdinak kontuan hartuz. Haurrari autonomia ahalik eta handiena eman nahi diogu, jolasa hasieratik zuzendu gabe, berak erabaki dezan eta norbera izan dadin bere jolasaren gidari, egitura ahalik eta malguenak eta irekienak eskainiz". Areago, jolasa bakarrik ez, espazioa eta ingurua haurrek beraiek erabakitzen, aldatzen eta sortzen joatea da asmoa. Pedagogikoki nahiko zabalak izaten saiatu direla dio Hezkuntza arduradunak; "gustatzen zaiguna hartu dugu, baina itxi gabe, obsesionatu gabe". Nagusiki Waldorf, Pikler eta Montessori izan dituzte kontuan. Gerturatzen denak Montessoriren material asko aurkituko ditu, eta puzzleak, eta psikomotrizitate fina, ertaina eta osoa lantzeko jolasak… Baratzea, otordu biologikoak, animalia-maskarak… Egunero tailer bat egingo dute jolas-parkean. Jasangarritasunari lotutako tailerrak izango dira, zentzurik zabalenean: material birziklatuekin musika-tresnak egin eta jotzea, animalia-maskarak sortzea, entzumenarekin jolastu eta txorien kantak lantzea… Tailer gehienak, gainera, barruan eta kanpoan egingo dira, Ekoguneak dituen 24 hektareak eta bertako baratze, larre, baso, erreka eta zelaiak baliatuz. Elikadurari garrantzi handia ematen diote eta tailerretako batzuk baratzean egingo dituzte, "oso ekintza praktikoa delako, landareak, zikloak, janaria, kontsumoa… lantzeko". Kafetegian ere elikadura tailerrak antolatuko dituzte –janari ekologikoa eta bertakoa eskaintzen du kafetegiak–, eta otordu biologikoak egingo dituzte. Urtebetetze edo antzerako festak ospatzeko aukera ere izango da, "baina litxarkeriak eta patatak eskaini ordez, adibidez pizza ekologikoak osatuko ditugu, eta garaian garaiko bertako produktuak dastatuko ditugu". Ikuskizunak ere emango dituzte, igandero. Urte osorako guztira 24 ikuskizun ezberdin prestatu dituzte, "eta hauek ere bereziak, dibertigarriak, oso parte-hartzaileak eta naturari lotuak izango dira". Ostiral arratsaldetan, larunbat, igande eta jai egunetan, Eguberritan eta Aste Santuan zabalik da jolas-parkea, eta astelehenetik ostiralera ikastetxeetako bisitak hartuko dituzte. Mikel Insausti Ekoguneko zuzendariaren hitzetan, "jasangarritasunari buruzko gaiak batzuetan lehor xamarrak izan daitezke eta argi genuen parke honek parke ludikoa izan behar zuela, mota eta arlo guztietako jendea erakarri behar genuela, ez bakarrik ekologistak edo sentsibilizatuta dagoen jendea. Ondo pasatzearekin batera, denongan mezu ekologikoa uztea da asmoa, ingurumenarekiko kontzientziaziotik ekintzetara pasatzeko".
news
argia-fac7c0d36862
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/txanponaren-beste-aldeak.html
Herritarrek gazteei mailegua interesik gabe
Itsaso Zubiria Etxeberria
2015-12-20 00:00:00
Herritarrek gazteei mailegua interesik gabe Ipar Euskal Herri barnealdea. Baxenabarre. 1966tik lanean den Euskaldun Gazteria taldeak 2009an eragin esparru berri baten beharra ikusita jada Zuberoan martxan den Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT) sortzeko hautua egiten du. Urte aldrebes samarrak bizi ditugu, ez gazteok bakarrik, baina jendarteko zati honi heldu dio Euskaldun Gazteriak –azaldu beharrik ez dago zergatia, izenari erreparatuta soilik nahikoa izango da–. Zonaldean gazteen ihesa egunetik egunera goranzko joeran ikusita, enpresa txikiak ixten ari direla, etorkizun ez oso urrunak kolore ilunak erakusten ditu herri batentzat. Behar garbia eta lan egiteko gogo faltarik ez. Hemen lan eta bizi Inguruko gazteak lurraldeko aktibitate ekonomikoko agente izan daitezen sortutako elkartea da GALT. Gazte batek lehendik datorren enpresa baten testigua jaso edo enpresa berri bat sortzen duen momentutik bere herrian toki bat izango du. Bertan lan egin eta bizi ahal izateko aukera. Bultzada hori emateko GALT elkartasunezko aurrezki sistema jarri dute martxan Nafarroa Beherean. 2011-2013 epean lau proiektu lagundu dituzte eta 2015ean jarraipena eman diote bigarren GALT batekin. Pertsonak dira, herritarrak, gazteari mailegua ematen diotenak. Diru bat aurreratzen diote enpresari heltzeko lehen sarrera izan dezan, eta aktibitatearekin hilabete batzuk daramatzala interesik gabe itzultzen joango da jasotako dirua. Urteko 180 euro jartzen ditu laguntzaile bakoitzak, baina nahi izanez gero hilabetekako ordainketa egin dezake –15 euro hilean–. Talde tekniko batek aztertu eta hautatzen ditu proiektuak; talde hori Euskaldun Gazteriak, Euskal Herriko enpresen zentro bultzatzaileak, banku ordezkari batek, kontulari batek eta lurraldearen garapenaren alde ari diren zenbait herritarrek osatua da. Luzera begirako enpresak sortzea da helburua, pertsonak zentroan jarriko dituztenak, lurraldeko dinamika ekonomikoan parte hartuko dutenak, ingurumena errespetatzen dutenak, eta hau guztia lurraldean elkartasun mekanismoak martxan jarrita.
news
argia-1776013a46e2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/ez-dakit.html
Ez dakit
Karlos Gorrindo Etxeandia
2015-12-20 00:00:00
Ez dakit Nik ez dakit Durangoko Azokak mozkinik eman dien bertan aurkeztu diren enpresa kulturalei. Liburu eta disko asko saldu dituzten. Adinaren diskrezioan azokara hurreratu diren idazleak gai izan diren zutik irauteko, ordu luzeen osteak gerriko hezurdura lekutik aterata, eta gero, etxera itzuli diren aieneka, eta eskumuturra dislokatuta bakoitzaren liburu eskainian zirriborro ikasiak egin eta gero.  Ez dakit gure Toti koitaduaren errukirik izan duten horren lanen zaleek eta jaleek, ilara amaigabeetan itxaroten egon eta gero, aurrez aurre autore izarraren irribarre fotografikoaz gain, liburu gogokoena besapean hartutakoan, etxera bueltatu direnean. Ez dakit euririk egin behar ote duen azoka gunea jendez gainezka jartzeko, euritik babes bila bertaratu behar izanda, edo on-lineko erosketez baliatu diren, Espainia aldeko edozein hondartza epeletan sabela gora egon bitartean, eta Durangon gogoa. Ez dakit Gernika-Lumoko urriko azken astelehenean bezala, Durangokora batu diren saltzaileek, ekoiztuaren edertasuna erakusteaz gain, malabarismo linguistikorik erabili ote duten, hainbeste neke eragindako produktua saldu ahal izateko. Ez dakit erosgaiak berak berez saltzeko gaitasunik ote duen, edo artista kontzeptualak legez, artelanaren gaineko azalpenak eman behar izan dituen, salgaia ulertu, erakargarri bilakatu eta erosteko interesgarri egiteraino (Ferrero Roche batek lagun lezake erosgaiaz gozatu eta irakurraldia eztitzeko, autorearen mezu iradokitzaileak balekoak izan ezean). Ez dakit Durangoko Azokara hurreratu direnak, erosgaia eskuan hartu, usaindu, aurretik eta atzetik aztertu, eta Paulov-en txakurren antzera hasi diren aho-zuloaren kanpoaldeko ezpain ertzetik behera adurretan, ase eta bete geratuko direlakoan. Dakidan bakarra da Durangoko Azokak gurdi bete diru eman duela ikuspuntu gastronomikotik. Eta hau ere kultura da. Kulturala izateaz gain. Euskal Herria berez ongi jaten den tokia dela aitortuta dago, Mitxelin izarrak ez baitira korroskada ozenena botatzeagatik ematen edo uzkiarekin litro bete ur xurgatzearen abilidade xurgatzaile izateagatik, bazka ona, egokia, ugaria, anizduna, kalitatezkoa eta oso garestia ematen dutelako baizik. Eta dakidan bakarra da osagai kultural gastronomiko honetaz azoka aldian atseginik hartu nahi izan baduzu, izenik edo izarrik edo hauei itzalik egin nahiko liokeen edozein jatetxetan, jai izan duzula. Liburu eta disko kulturaren ordez, gastronomikoa gailendu zaiolako. Ahoak gozamen gehiago hartzen du begiak baino. Gora kultura. Gora Durango. Biba fandango.
news
argia-fd99644cf1d4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/eskola-jantokiak.html
Altzaga, sukaldeak kentzeko erasoari eutsi dion bakarretakoa
Estitxu Eizagirre
2015-12-20 00:00:00
Altzaga, sukaldeak kentzeko erasoari eutsi dion bakarretakoa Bi dira EAEko ikastetxe publikoen artean bertako sukaldeari eusten dioten bakarrak, biak guraso elkarteek kudeatuak: Larrabetzukoa 2010 urtean ezagutu zenuen ARGIAn (2.225 zenbakian), zeinak bertako ekoizleei erosten dizkien lehengaiak. Txikiaren bentajak. Oraingoan bestea ezagutuko dugu, Erandioko Altzaga ikastetxea, eta jantoki handi honetan (540 ikasle inguruk bazkaltzen dute egunero), ikus dezakegu nola egiten duten talka elikadura eta kudeaketa burujabetzak Eusko Jaurlaritzak fermuki bultzatzen duen catering industrialaren ereduarekin. Euskal Herrian badira eredu gehiago, eskolako jantokia tokian tokian kudeatzen dutenak, tokiko ekoizleen produktuekin, askok bertako sukaldean eta ez garestiago. Sorreran gurasoen kooperatiba zen Erandioko Altzaga ikastolak 48 urte egin dituela eta gainean duten mende erdia ospatzeko antolaketa martxan jarri dutela kontatu digute pozik Zuriñe Miguelek eta Kontxi Akesolok, guraso elkarteko kide eta jantokiaren arduradunek. Gazteleraz errazago ariko balira ere, elkarrizketa euskaraz egitea erabaki dute. Harro daude 48 urteotan bertako sukaldeari eutsi diotelako: "Gauza asko aldatu dira, pisu batean hasi zen ikastola, gurasoak kooperatibako bazkide izanik, eta handitzen joan da, publifikatu egin zen... baina sukaldea beti izan dugu, hori ez da aldatu. Baloratzen dugulako da".  Duela 5 urte, matrikulazio eskaerari erantzuteko hirugarren lerroa irekitzea –ikas maila bakoitzean hiru gela egotea– beharrezko ikusi zuten. Denak eraikin nagusian kabitu ezin, eta eraikin berrian hasi ziren txikienak. Garraztasunez kontatu dutenez, "Jaurlaritzak ez zigun baimenik eman han sukaldea jartzeko. Gu kanpoan catering industrialek prestatutako jantoki eredu horren guztiz kontra gaude baina ez dugu beste erremediorik izan: Jaurlaritzaren erantzuna izan zen eraikin berrian ez bagenuen sistemaz aldetzea onartzen, gurean lerro bat ireki beharrean beste ikastetxe bat sortuko zutela herrian. Bi egun barru erantzuteko epea jarri ziguten. Egun bakarra izan genuen tartean gurasook bildu eta adosteko". Geroztik, bi sistema dituzte eskolan: handiena gurasoek kudeatzen dute, txikiena Eusko Jaurlaritzak. Bietan cateringa, baina kudeaketa ezberdina Bitxia eta ulertu beharrekoa da administrazioak jantokien kudeaketa izendatzeko duen modua. "Kudeaketa zuzena" esaten dio juxtu ikastetxetik urrunenekoa denari, alegia, zuzenean administrazioak kudeatzeari. Eta "zeharkako kudeaketa" deitzen dio jantokia ikastetxean bertan gurasoek kudeatzeari. Altzagan bi kudeaketa moduak dituzte: administrazioak kudeatutako jantokiak 5 urtez beherako 110 ikasle ingururi ematen dio jaten egunero. Eta gurasoek kudeatutakoak 5-16 urte arteko 540 ikasleri. Bien arteko aldeaz galdetuta, Miguelek eta Akesolok hauxe erantzun dute: "Jaurlaritzak kudeatutako cateringen kalitatea ez da txarra izango, baina gurasook ez dakigu. Guk aukeratu egiten dugu zer janari erosi eta nondik. Bertan prestatzen da janaria eta gehiago kontrolatzen dugu: umeei jaki bat gustatzen ez bazaie, aldatu egiten da. Gurasook gara jantokiko arduradunak eta tarteka etortzen gara ikusteko nola doan zerbitzua hasten denetik bukatzen denera, bertan bazkaltzen dugu janaria dastatzeko, langileekin hitz egiten dugu...". Eta adi, bertako sukaldea duen jantoki handi honen kudeaketa catering enpresa baten bidez egiten du guraso elkarteak (Larrabetzuko eskolak ez bezala): "Haren bidez kontratatzen ditugu 35 langileak (bai sukaldariak eta bai begiraleak). Erabakia gurea da, beti izango dugu aukera cateringik ez izatea erabakitzeko. Pentsatu izan dugu, baina oraingoz ez dugu pausorik eman". Kudeaketa gurasoen esku egotea garesti ordaintzen dute, ordea: batetik, bertako ikasleak jantokiko diru-laguntzarik gabe uzten ditu Jaurlaritzak; beste herri batetik datozen ikasleek, garraiorako diru-laguntzez gain, jantokirako ere izan beharko lukete, bazkaria ikastetxean egin beste erremediorik ez dutelako. "Hemengo ikasle asko daude egoera horretan, baina ez dute inongo laguntzarik jasotzen". Bestetik, "zerbitzu osoa gurasook ordaintzen dugu, Jaurlaritzak ez du batere dirurik jartzen". AKKPA edo nola behartu herritarrak elikadura industrialera AKKPA (Arriskuen eta Kontrol Kritikoko Puntuen Analisia) elikagaien industrian erabiltzen den prozesu estandarra da. Prozesuaren etapa bakoitzeko arriskuak aurreikusi eta autokontrol planak txertatzen ditu. EAEn, 300 bazkaltiarretik gorako jantokiek bete behar dute. Gurasoek kontatzen dutenez, horrek dakar lan prozesu zurruna jarraitu behar izatea eta dena idatzi beharra: "Idatzi behar ditugu erabilitako errezeta guztiak, leku eta tresna guztien garbiketa, lan ekintza guztiak eta beti pausu berak jarraitu behar dira, eta horrela egiten dela kontrolatu... egunero idatzi behar dugu, esaterako, okela etorri da: zer tenperatura duen, zer ordutan gorde dugun, non... Tarteka ikuskariak etortzen dira auditoriak egitera". Segurtasuna bermatzeko balio dute, baina Altzagakoaren moduko bertako sukaldean bertako lehengaiak prestatzea galarazten dute, bestetik: "adibidez, okela dakarren kamioiak hozkailua izan behar du AKKPA -ren arabera eta herriko harategiak ez dauka. Inguruko soroetako barazkiak ere ezin ditugu erosi, saltzeko baimenik ez daukatelako". Eta hala ere, Altzagako sistema askoz merkeagoa da Altzagako helduen jantokiko kuota, sukaldea bertan duenarena, hilean 74 eurokoa da, eta horrekin osorik ordaintzen dute cateringaren bidez azpikontratatuta duten zerbitzu osoa. Eusko Jaurlaritzak ez du euro bakar bat jartzen. Altzagako txikien jantokiko kuota, catering industrialak ikastetxetik kanpo prestatzen duena, hilean 91 eurokoa da, eta diru horrekin zerbitzuaren %73 ordaintzen da, gainerako %27 Jaurlaritzak hartzen du beregain. "Guk ere catering bidez egiten dugu lan, langileak zuzenean kontratatuta baino garestiago irteten zaigu, baina askoz merkeagoa da gurea. Eta gehitu gurasoen gehiegizko kuota horri Jaurlaritzaren dirua! Lotsagarria da. Badirudi garai batean jantokiko eremua enpresei emateko gura izan zutela. Jantokietako zerbitzua cateringei eman nahi badiete ere, txikiagoak izan daitezke, eta ikastetxetik ahalik gertuen daudenak. Horrela janaria hobe aterako da. Baina alderantziz egiten dute, lau urtero cateringak esleitzeko pleguak edo baldintzak berresten dituztenean, eskatzen dutena beti da enpresak handiagoak izatea. Ez dugu ulertzen". ESKOLA-MENUEN BANAKETA EAEn (2011-2012)
news
argia-570d553833b0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2488/hedoi-etxarte-katakrak-proiektuko-kidea.html
"Langile jendea ezin duzu punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatu"
Reyes Ilintxeta
2015-12-20 00:00:00
"Langile jendea ezin duzu punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatu" Pentsalaria, idazlea, liburu saltzailea eta tabernaria. Katakrak Iruñeko liburu-denda eta pentsamendu eta eztabaidarako guneko kidea, bertako agenda kudeatzen du eta irakurle taldeez arduratzen da. Azkarra, jantzia, kritikoa, eta zenbaitetan, kaustikoa. Noiz arte har daiteke gaztetzat pertsona bat?  Bereizketa horiek ez zaizkit gustatzen. Aitak esaten dit txikitan asko gustatzen zitzaidala jolastea eta gaur egun ere bai. Gaztaroa, nerabezaroa bezala, XX. mende hasieran jende gutxik izan zezakeen zerbait da. XXI. mende hasieran, jende askok pentsatzen du badaukala, baina segur aski ez dauka.  Jolasteaz gain, txikitan zer zenuen gustuko? Nire inguruko figurak aitona-amonak izan ziren. Oso erakargarriak egiten zitzaizkidan haiek, haien lagunak… iruditzen zitzaidan bazutela jakintza, bizitzaren aurrean beste tempo bat. Argi zuten zer den langilea izatea, eta orain aldiz, despiste handia dago horren inguruan. Jende xumea zen, oso narratiboa. Gaur egun dena asko estandarizatu da. Jendea desberdina izateko izugarrizko eskizofrenian murgildu da, azkenean denak berdinak izateko.  Bi anaia zarete. Ziargi zu baino gazteagoa da eta hala ere esaten duzu berarengandik gauza asko ikasi duzula. Bai. Ikasi nion lehenbailehen hasi behar dugula lanean munduan. Berak nahiko garbi izan du, adibidez, kontu praktikoetan iaioa izaten saiatu behar duzula, baina goi mailako kulturarekin harremana izanik. Bera bada etxeko hoditeria aldatzeko gai, eta aldi berean, 14 urterekin Frantziako poeta surrealistak irakurtzen zituen. Konbinazio horiek nire bizitzan asko bilatu ditut.  Institutuan izan zenuen lehen talka politikoa. Zer dela eta? Biurdana institutuan nengoen. Garai hartan Elkarritik oso gertu nenbilen eta oso eskuin muturreko joera zuen irakaslea zegoen. Irakeko gerra garaia zen eta nik esan nuen asteburu horretan Aznar etorria zela Iruñera, Alde Zaharra militarki okupatzera, batzuei esatera hiltzaileak zirela. Eta bera Irakeko gerrara soldaduak bidaltzen. Emakume hura erotu zen, oihuka hasi eta harrezkeroztik ez nuen azterketarik gainditzen sistematikoki. Horregatik aldatu nintzen beste toki batera, Eunatera. Han bikain izan nintzen. Oso garbi ulertu nuen zer den boterea. Irakaskuntzan, beste edozein alorretan bezala, badira psikopatak eta izugarrizko boterea dute.  Musika ikastea zer izan da zuretzat?  Hasieran hobbya izan zitekeena, gaur egun unibertsitateak baino gehiago irakatsi didan zerbait da. Unibertsitatean, tamalez, oso etsipen handia hartu nuen. Irakasle grinatsuak aurkitzea espero nuen, baina ez zen horrela izan. Jakintzaren tenplua hutsik dagoela ohartu nintzen. Berlingo Unibertsitate Librean urtebete egin zenuen. Oso positiboa izan zen, eta Gasteizera itzultzea oso gogorra, are argiago nuelako hemen nituen irakasle gehienak ez direla ezertan adituak eta eskola aspergarriak ematen dituztela. Zorionez, Boloniako afera zela eta mobilizazio txiki bat egin zen gure fakultatean eta jende interesgarri asko ezagutu nuen. Klaseko giroa, oro har, oso tristea zen, eta kontserbatoriokoa aldiz, erabat kontrakoa. Jendea askoz baldintza txarragoetan lanean, baina pasio ikaragarriz.  Profesionalizatzea ez duzu inoiz pentsatu? Ez da ona gauzak ikastea gero horrek ogibidea emango dizulakoan. Hizkuntzak ere zure pasioa? Hizkuntzak ikastea ikasteagatik absurdoa da. Ingelesa ikasi dut testu batzuk ulertu nahi banituen beste erremediorik ez nuelako. Jaio garen lekuan jaiota, logikoa da euskara, gaztelania eta frantsesa jakitea. Ingelesarena beti urrutiago bizi izan dut, urrutiago dagoelako. Ez dut ulertzen gaur egun hemen Nafarroan jendeak duen behar hori.  Euskara irakaslea izan zinen. Nolako esperientzia? Gasteizko Udaberria euskaltegian hiru ikasturtez aritu nintzen. Han ikasi nuen zer den lan egitea eta nagusiek ez dutela zertan izan saltzen dizkiguten deabru beltzak. Bestalde, ikusi nuen nola EAEn jende langile asko euskara ikasten ari den lan hobe bat izateko eta nola ez den planteatzen lanaren afera modu sano batez. Kontuan hartu behar da badela EAEn populazioaren parte bat oso kolpatua, oso lumpena, euskaraz ez dakiena, baina inor ez da haientzat ezer pentsatzen ari.  Hori gerta daiteke orain hemen Nafarroan? Ez dut uste hemengo erronkak eta EAEkoak berdinak direnik. Hori ere aski garbi ikasi nuen Gasteizen: EAE eta Nafarroa bi gauza desberdin dira, EAEko jendeak, eta espresuki abertzale independentistek, ez dute batere jaramonik Nafarroarekiko. Nafarroa asko aipatzen dute eta uste dute Nafarroa ezagutzen dutela, baina ez da horrela, Donostian bizi direnek Gasteiz ezagutzen ez duten bezala. Gasteiztik La Hormiga Atómicara? Langabezian gelditu nintzen sozialistek egin zuten murrizketaren ondorioz. Harremana nuen La Hormiga Atómica liburu-dendako jendearekin eta ondoren sartu nintzen gaur egun Katakrak den honen sortze prozesu luze eta konplikatuan.  Nola sortu zen Katakrak orain dela bi urte? Analisi bat egin zen, gerora bete egin dena. Proiektuak erakusten zuen Iruñean bazegoela nahikoa interes bereziki saiakera lantzen zuen liburu-denda zabaltzeko. Aldi berean, bazegoen beharra kultura kritikoa sustatzeko.  Hori dena testuinguru berri batean gertatu zen: Iruñeko eta Nafarroako erakundeak oso krisi larrian zeuden, 2011n ETAren ziklo militarra bukatu zen eta pentsatzen genuen horrek aukera berriak ekarriko zituela, eta gainera, M15a gertatu zen. Oso aktiboki hartu nuen parte horretan Gasteizen eta gure kide askok Iruñean. Zentzu horretan, Katakraken dabilen jendeak aldaketa gauzatzeko bere ekarpena egin duela uste dut. Memoria demokratikoa asko landu da, ustelkeriaren inguruko eztabaida dezente egin da, giro bat sortu da, eta bestela elkartuko ez zen jende asko elkartu da. Honekin guztiarekin eta hainbat libururen argitalpenarekin (aspalditik bereziki Pamiela eta Txalapartak kaleratutako liburuak eta berriki El corralito foral , El banquete eta Joxerra Senarren CAN auziari buruzkoa) agintean zeudenen deslegitimizazioa eta ordezkaritzaren inguruko gogoeta sortzea lortu dugu.  Eta zer uste duzu "nik politikaz paso" esaten duen jendeaz? Logikoa da. Ulrike Meinhofek gogoeta interesgarria egiten du honen inguruan: azken hiru mendeetan langile jendea askotan traizionatu da. Mesfidantza berez babes modua da eta langile jendeari azken 80 amonetatik hona sartu zaio. Mesfidantza aldatzeko modu bakarra da gaitasuna duen jendeak erakustea gauzak beste modu batez egin daitezkeela.  Baina dirudun askok ere gauza bera dio. Batzuek interes eza sustatu nahi dute haien interesak defendatzeko. Uste dute interes eza sustatuz gauzak ez direla aldatuko. Aldaketa izan da hemen, botoen alde txikiz. Historiak eman duen aukera? Aukera dugu, baina ikusi behar da Nafarroako Gobernuan boterean daudenek ea aprobetxatzen duten eta kaleko jendeak ea behartzen dituen aldaketak egitera. Zuk orain bidegorri on bat egiten baduzu Iruñean edo hiru haurreskola zabaltzen badituzu, ez dago UPNkoen seme-alabarik ikusiko ez duenik. Hori da mundua aldatzea, eta ez orain jende askok pentsatzen duen bezala, Joseba Asironek memoriaren aldeko taldeek esaten dioten guztia betetzea. Bera Iruñeko alkatea da, iruindar guztiena, Uxue Barkos nafar guztion presidentea den bezala, eta jende askok ez du ulertu.  Horrek ez du esan nahi berdin jarraitu behar dutenik, adibidez, UGT eta CCOOen 120 soldata doan ordaintzen. Mugimendu sozialen lana da arazoak antzematea eta proposatzea zer ez den egin behar. Kontua ez da norberak bere txiringitoa zaintzea eta kitto. Hori da UPN-PSNren krisi sakonaren arrazoietako bat.  Honetaz gain, aldaketarako oso garrantzitsua izan da Nafarroak estatuarekiko duen izugarrizko desafekzioa. Oso harro esan behar da. Iruñeko Udalean PPk eta Ciudadanosek ez dute zinegotzirik. Parlamentuan 50 kidetatik soilik bi dira PPkoak. Eta ezin da esan PP eta UPN gauza bera denik, are gehiago Yolanda Barcinak PPra hurbildu nahi izan duenean, orduan hasi da bere krisi sakona. Nafarroako politikaren eta mugimendu sozialen ia berezko ezaugarria da negatibotasuna. Ez gaude Katalunia bezala egoera propositiboan, esanez zer garen, baizik eta zer ez garen edo zer ez dugun nahi ari gara beti esaten. Orain aukera dugu proiektu zehatz eta egituratua egiteko eta esateko zer nahi dugun Nafarroarako. Orain arte ikusitakoa nola baloratzen duzu? Oso eszeptiko hasi nintzen eta badakit gauza hauek ezin direla publikoki esan behar, baina hasieran Joseba Asiron ez zitzaidan hautagai egokia iruditzen, eta orain aldiz, uste dut, zalantzarik gabe, oso ongi betetzen ari dela bere rola. Segur aski mugimendu sozialetatik gatozenok gure antza duen jendea nahi dugu beti gu ordezkatzeko eta hori oso arazo larria da. Batzuk ari dira esaten eskuineko gobernua dela, baina inork ez dio egin kontraproposamenik bere zerga politikari, adibidez. Antzera beste gai askorekin. Hau ez da iraultza. Halakorik espero zutenak zergatik ez ziren aurkeztu hauteskundeetara iraultzaile bezala? Zergatik da horren berezia Wagner? Wagnerrekin harremanetan 14 urterekin hasi nintzen. Bukatzen ez den meategia da. XIX. mendeko munduaren eraldaketa, musika klasikoa, artea eta iraultza interesatzen bazaizkizu Wagner da zure gizona. Infinitua da. Gure mendebaldeko ikuspuntutik melodia ederrenetakoak idatzi dituen konpositorea. Ia gorra uzten zaituzten pasarteak ditu eta kasik entzuten ez direnak ere bai. Talaios kooperatibako kideek bezala, uste dut langile jendeak goi mailako kulturaren luxua izateko eskubidea daukala, eta ezin duzula punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatu. Musika klasikoa, adibidez, gure esku izan behar dugu interesgarria delako. Nobelez, janari goxoez eta artisau garagardoaz gozatu behar dugu. Ezin dugu gure burua basapizti bihurtzen utzi Coca-Cola eta garagardo industriala soilik edanez.  Zergatik duzu poesia horren gustuko?   Gaur egun poesia ez da popularra, XX. mendean oso poesia txarra idatzi eta argitaratu delako. Baina literaturaren historiari erreparatzen badiogu ikusiko dugu generorik unibertsalena dela, gizarte guztietan kantatu delako. Poesiak erakusten du nola ulertu duten mundua kulturek.
news
argia-f878a7901cc7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2436/vatikanoaren-jatorri-paganoa.html
Vatikanoaren jatorri paganoa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-11-09 00:00:00
Vatikanoaren jatorri paganoa Gerora Erroma izango zen hiri zaharraren inguruko muinoetako bat etruskoek erabili zuten, beste inork baino lehenago, hilerri gisa, K.a. VI. mende inguruan. Hildakoak hirietako harresietatik kanpo ehorzteko ohitura zuten, eta haien nekropolia Vatika azpimunduko jainkosak gordetzen omen zuen. Mende batzuk geroago muinoaren hegian zirko bat eraiki zuten eta, kondairaren arabera, hantxe exekutatu zuten San Pedro. Horregatik, Konstantinok, Erromako lehen enperadore katolikoak, santutegi bat eraikiarazi zuen muinoaren oinean. Ordurako Muino Vatikanoa esaten zioten. Eta haibat mende gehiago joan ziren aita santuaren jauregia eta San Pedroren omenezko basilika berria hantxe eraiki arte. Horrenbestez, eliza katolikoaren egoitza nagusiak jainkosa pagano baten izena du.
news
argia-f791ca51b4d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2436/mikel-martinez.html
"Antzerkirako sormen prozesuan garrantzitsuena izanik ere, ahaztuena da testua"
Myriam Garzia
2014-11-09 00:00:00
"Antzerkirako sormen prozesuan garrantzitsuena izanik ere, ahaztuena da testua" Mikel Martinez aktore eta Tartean Teatro taldeko kidea Cafe Bar Bilbao tabernako jabea ere bada. Bi elementu horiek uztartuta sortu zen duela hamabi urte Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko Gidoien Saria, antzerkiaren oinarrian dagoen hitza gorestea helburu duena. Urte bukaera arte luzatuko da antzezlanak aurkezteko epea. Lanek 30 minutuko iraupena beharko dute izan, gehienez ere. Zein da sariketaren helburua? Antzerkirako sormen prozesuan garrantzitsuena izanik ere, askotan ahaztuena da testua, behar besteko garrantzirik eman gabe pasatzen da. Sariketak, hain zuzen, testua du ardatz, istoriorik ez badago ez dagoelako ezer. Idazlearentzat edo gidoilariarentzat ere lan zaila izaten da, sortutako antzezlanak gehienetan tiraderaren batean amaitzen duelako, bereziki idazleak antzerkiarekin harreman zuzenik ez badu. Argitaratu ere, ez da sobera argitaratzen, oso gutxi saltzen delako irakurtzeko den antzerkia. Antzerki talderen batek espresuki eskatuta ez bada, aukera eskasa du antzezlanak taularatzeko. Lehiaketa xume honen helburuetako bat horixe da, teatroa idaztera animatzea, horretarako aitzaki bat izatea. Egilea eta gidoigintza bultzatu nahi dira. Nolako irtenbidea ematen dio sariketak irabazleari? 1.200 euroko saria eskuratzeaz gain, prentsan izan dezakeen oihartzuna izango du bere alde. Bestalde, Tartean Teatroko webgunean ere argitaratzen dugu antzezlana. Ez beti, baina posible den heinean, eta Tartean Teatro taldeak ematen digun aukerari esker, gidoi irabazlearen irakurketa antzeztua egiten dugu. Publikoarengana hurbiltzea edota antzezlanaren ikusgarritasuna erraztu nahi dugu. Irakurketa dramatizatuari esker oso ondo ikusten da antzezlana nolakoa izan litekeen eta horrela errazagoa da gerora teatrogileren baten interesa piztea. Zergatik teatro laburra? Formatu interesgarria da, balizko ekoizpenerako erraza delako. Teatro labur zeri deitzen zaion zehaztea zaila da, baina esan daiteke baliabide gutxi behar dituzten obrak direla, bai aktoreen kopuruari begira, bai arlo teknikoaren aldetik ere. Ordu erdiko luzera duten lanak dira, gutxi gorabehera. Hala ere, ordubeteko lana ere egin daiteke hitz gutxirekin, eta alderantziz, testu luzeagoa izan eta ordu erdi besterik ez osatu. Normalean ekoizpen errezako lanak saritzen dira, eszenografia xumekoak. Oro har, testua irakurtzearekin batera sumatzen da lanak ekoizpen garestia beharko ote duen. Oso gauza subjetiboa bada ere, guk baloratzen duguna eta saritzen duguna taularatzeko erraza izatea da, balizko ekoizpenerako betiere. Sari bana, euskaraz eta gazteleraz egiten diren gidoietarako. Bai, baina batez ere euskarazko gidoigintza  interesatzen zaigu. Gehiagotan eta hobeto iragartzen dugu euskarazkoa, bulkada berezia ematen diogu. Agian horregatik ez dago hainbesteko aldea euskaraz eta erdaraz aurkezten diren lanen artean. Gazteleraz aurkezten diren lanak 40 bat izaten dira eta euskarazkoak 17 inguru, baina nik badakit, antzerkiaren mundua ongi ezagutzen baitut, euskaraz 17 lan jasotzea mordoa hartzea dela.  Marka handia da guretzat. Oso pozik gaude parte-hartzearekin. Gero, pena da saria bakar bati eman beharra, eta asko batere gabe utzi beharra, saria merezi arren, maila ona delako. Bestetik, gaztelerazko gidoien egileak, EAEkoak eta Nafarrokoak izan behar dute, azken finean, baliabide gutxi ditugu eta, aurten, aurreko deialdietan ez bezala, Hego Euskal Herriko egileetara mugatzea erabaki dugu. Euskaraz aldiz, Euskal Herri osotik ez ezik munduko edozein tokiko antzezlanak onartzen ditugu. Zer ezaugarri izan behar ditu antzerkirako testu on batek? Kontatzen dena edota kontatzeko modua, originala izan behar dute. Emozioak sortarazi behar ditu, barrea, negarra, beldurra edo jakin-mina; ondo garatua behar du, antzerkiak eskatzen dituen inflexio-puntuak ongi zehaztuta; irakurtzean lotzen duen horietakoa izan behar du testuak, alegia istorioak ona izan behar du, edo oso ondo idatzia behar du eta horretarako hizkera aberasgarria erabili. Ona izan dadila, azken finean. Bitxia da ekimen pribatu batek antzerki sariak banatzea edota bultzatzea eta Eusko Jaurlitzak berak ez izatea antzerkiaren eta dantzaren gaineko saririk. Santurtzin izan zuten gidoi sariketa, baina hura ere kendu zuten. Bai, berezia da, taberna bat izatea gidoiagintzari saria ematen diona, baina jabea nor den jakinez gero, ez da hain harrigarria! Imaginatzen dut txalotzeko moduko ekimena dela, baina gurea ekimen xumea da hala ere. Oso zalea naiz eta gidoigintza edo egileak bultzatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Edozein idazlek egin dezake teatrora jauzi? Bai, edozeinen esku dago. Sarian parte hartzen duen jendearen artean denetarik dago, ezagunak eta hasiberriak; normalean antzerkirako idazten ez duten idazleak, baina saria medio animatzen direnak eta antzerkirako gauzak eginak dituztenak; eta inoiz idatzi ez duenak, inongo generotan. Badira bizitzan lehenen aldiz idatzi izanagatik gauza izugarri onak aurkezten dituztenak, eta hain ondo egiten ez duten antzerkigile ezagunak ere... Zaila da bakar bati saria ematea, beti da bidegabea. Betiere, gizonak nagusi gidoigintzan. Antzerkigile bezala, emakume gutxi dago, bai. Behin Aizpea Goenagak irabazi zuen, baina egia da, aurkezten diren antzezlanen artean parte-hartzea askoz ere txikiagoa da emakumeena, bostetik bat izango da haiena, baina ez dakit zergatik. Aktoreen artean ez dago horrenbesteko alderik baina egileen artean bai. Agian, emakumeek berdin idazten dute, baina ez dira sarietara aurkezten. Nola ikusten duzu euskal antzerki eszena? Gazte-piloa ikusten dut gauzak egiten, baina euskararekiko jarrera nahiko ahula dela esango nuke. Eskertuko nuke jarrera aktiboagoa erakutsiko balute. Iruditzen zait, gure sasoian, arlo guztietan bezala antzerkian ere, euskararen aldeko jarrera hobea zegoela. Adibidez, Maskarada bezalako proiektua pentsaezina da gaur egun. Antzezlanetan oso garrantzitsua da jatorrizko hizkuntza euskara izatea, eta ez izatea itzulpena edo moldaketa. Horrela eginez gero, jatorrrizko hizkuntza euskara bada, badakizu zein publiko motara hel zaitezkeen, zeintzuk diren zure aukerak eta zailtasunak. Erdarazko antzezlan baten gainean lan egiten baduzu eta, halako batean, horren euskarazko bertsioa egitea bururatzen bazaizu, aukera ugari du euskarazko bertsio horrek txarto irteteko.
news
argia-620a8513edf7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2436/horma-irudien-bidez-kalea-eraldatzen.html
Horma-irudien bidez, kalea eraldatzen
Myriam Garzia
2014-11-09 00:00:00
Horma-irudien bidez, kalea eraldatzen Artefactory muralgintza enpresa duela bi urte sortu zuten hiru gaztek, eta denbora tarte horretan munduko 18 hiritako 2.100 m2 eraldatu dituzte, 100 horma-irudiren bidez, besteak beste Madril, Bombay eta Shanghai hirietan. Duela gutxi Euskal Herrian dagoen obrarik handiena sortu dute Deban, 500 m2 eta 28 metroko altuera duen horma-irudia. Donostian dago Artefactory, hormetako artea eta diseinua latzen dituen enpresa. Unibertsitatean elkar ezagututako hiru gaztek sortu zuten duela bi urte, eta orduz geroztik, hainbat proiektu gauzatu dituzte. Hiru sortzaileetako bat den Martin Unzuetak azaldu digunez, irudi ugari sortu dute denbora tarte horretan; jatetxe, udaletxe, gimnasio, haurtzaindegi, komertzio txiki eta beste dituzte bezeroen artean. Proiektu berrienetakoa Deban gauzatu dute. Euskal Herriko horma-irudirik handiena da, 28 metro luze baititu eta 500m²-ko azalera. "Gainera, herriaren sarreran eta hondartzaren ondoan dagoenez, are eta ikusgarriagoa da" dio Unzuetak. Aurretik hainbat lan egin dituzte. Esate baterako, Pedro Subijanaren Akellarre jatetxean, Kutxan, Beffeater enpresak eskatuta, Urbil merkataritza zentroan, Sr. Goldwin, Deba eta Segurako herrietan egindakoak...: "Gipuzkoan egin ditugu gure lan gehienak, bat edo bat Bizkaian, baina Euskal Herritik kanpo aritzeko aukera ere izan dugu". Unibertsitateari esker, Txinara eta Indiara joateko aukera izan zuten, "bertako enpresen ekosistema ezagutzeko eta gure proiektuak herrialde horietan aurrera eramateko. Txinan, eta batez ere Indian, harrera oso ona izan dute gure lanek eta horma-irudi ugari egin ditugu han", Unzuetaren hitzetan. Bestetik, publizitate agentziekin lan egiteko aukera ere izan du Artefactoryk. Horren adibide da Beefeater enpresak eskatuta osatu duten murala. Horma hilak, horma biziak Seguran edota Deban egindako muralek herri hauen eguneroko pasaia eraldatu dute. Espazio publikoak beste dimentsio bat hartzen du irudi horiei esker, eta alderantziz, muralak beste esanahi bat du kalean kokatzen denean. "Gu gehien betetzen gaituena jendeak gure muralekiko izaten duten jarrera da. Begira gelditzea, arreta ematea, ondotik pasatzean irribarre eragitea, lanerako edo eskolarako bidea pixka bat alaitzea, ingurua hobetuz sentimenduak eta sentsazio onak sortzea", dio Artefactoryko kideak. "Gure lanak kalean hartzen du zentzu betea. Partikularrentzat lan ugari egin dugu, eta etxean edo lantokian sentsazio hori sorraraztea izugarria da, baina lan hauek kalean beste dimentsio bat hartzen dute". Neurri handiko proiektuok duten zailtasunez galdegin diogu Artefactoryko Martin Unzuetari: "Lan bakoitzak bere gauzak ditu. Debako kasuan adibidez, margotu genuen edifizioaren kontra beste edifizio bat zegoen, baina eraitsi eta fatxada airean gelditu zen. Pareta, beraz, oso egoera txarrean zegoen, poliuretanoz estalita eta guztiz malkartsua. Pareta egokitzea izan zen zailtasun handienetariko bat. Mural handien alderik garrantzitsuena marrazkia ondo enkoadratzea eta dimentsioak ondo hartzea da. Izan ere, errazagoa da metroko xehetasunak egitea, milimetrokoak baino". Gazteak izanagatik ere, Artefactoryko margolariek 20 urteko esperientzia dute horma-irudi eta graffititan. "Mota guztietako estiloak egiteko gai gara. Hala ere, kasu gehienetan bere gogoa adierazten digu bezeroak eta horren arabera egiten dugu diseinua. Gure ustean hoberena zer izan daitekeen aholkatzen saiatzen gara, zein kolore erabili, zein estilo… diseinua bezeroarekin batera birsortzen dugu", azaldu du Unzuetak. Hala ere, hormak margozteak hainbat aurreiritziren aurka aritzea dakar, Artefactoryko kidearen ustez: "Graffitiarekin lan egiteak konnotazio negatibo ugari izan ditzake oraindik ere. Hala ere, joera konstruktiborik ere bada, aldeko kontzientzia sortzen ari da eta arte modu hori gero eta gehiago ezagutu eta baloratzen dela esango nuke".
news
argia-dfa29d0bd164
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2436/hedy-lamarr-wifiaren-hazia-erein-zuen-zine-izarra.html
Hedy Lamarr, Wifiaren hazia erein zuen zine izarra
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-11-09 00:00:00
Hedy Lamarr, Wifiaren hazia erein zuen zine izarra Viena, 1914ko azaroaren 14a. Hedwig Eva Maria Kiesler jaio zen familia judu batean. 16 urterekin ingeniaritza ikasten hasi zen, baina hiru urte geroago, 1933an, antzerki munduan sartu zen, Max Reinhardt zuzendariaren ikasle. 1937an egin zuen lehen filma: Gustav Machatý txekiarraren Ecstasy . Film komertzial batean emakume bat biluzik agertzen zen lehen aldia zen, eta gainera, beste eszena batean, aktore gazteak orgasmo bat antzeztu zuen lehen planoan. Fritz Mandl armagintza magnateak filma ikusi eta aktorearekin ezkontzea erabaki zuen. Ezkontza gurasoekin hitzartu zuen, Kieslerren iritzia aintzat hartu gabe. Bera ere judu jatorrikoa izan arren, Mandlek armak saltzen zizkien Italiako faxistei eta Alemaniako naziei. Gainera Hitlerren eta, bereziki, Mussoliniren lagun pertsonala omen zen. Mandlen ondoan bizitakoak esklabotza urteak izan ziren. Senarra Ecstasy -ren kopia guztiak suntsitzen saiatu zen, aktore karrera uztera behartu zuen eta ez zion etxetik irteten uzten berarekin batera ez bazen. Keislerrek ingeniaritza ikasketei berriro heltzeko baliatu zuen itxialdia, eta senarraren bezero eta hornitzaileei adi-adi entzunda, asko ikasi zuen garaiko arma-teknologiari buruz. 1937an Parisera joan zen senarrarengandik ihesi, eta Londresera ondoren. Han Louis B. Mayer, Metro Goldwyn Mayer estudioetako burua ezagutu zuen. Bitxiak saldu eta Mayerren ontzi berean zeharkatu zuen atlantikoa. Lehorreratzerako, zazpi urteko kontratua zeukan, baita izen berria ere: Hedy Lamarr. 30 filmetan lan egin zuen guztira, King Vidorrekin, Cecil B. DeMillerekin, Jacques Torneurrekin... eta proiektu handiei ere uko egin zien; ziur Ingrid Bergmanek bihotzez eskertu ziola Casablanca (1942) eta Gaslight (1944) filmetako rol protagonistak errefusatu izana. Kontua da Bigarren Mundu Gerraren urteak zirela eta, bere erlijioak eta senar ohiaren alboan ikusitakoek bultzatuta, aliatuen aldeko lanari ekin ziola. Casablanca estreinatu zen urte berean, Hedy Lamarrek komunikazio sistema sekretua diseinatu eta patentatu zuen George Antheil konpositorearen laguntzaz. Frekuentzien kommutazioan oinarritutako asmakizunari esker, torpedoak irrati bidez gidatu zitezkeen, etsaiek antzeman gabe. Goizegi zen; asmakizuna ezingo zen aplikatu sistema elektronikoek sistema mekaniko zaharrak ordezkatu arte. Hala, lehen aldiz 1962an erabili zen Lamarren sistema, Kubako misilen krisialdian. Vietnamgo Gerran ere erabili zuten, baina 1980ko hamarkadatik aurrera eta ingeniaritza zibilaren alorrean atera zioten benetako zukua ideiari. Teknologia digitala hedatu ahala, frekuentzien kommutazioak Wifi datu komunikazioa ezartzea ahalbidetu zuen. Eta bluetooth estandarra. Eta GPS sistema... Ikusmina dutenek jakin bezate Fritz Mandlek ez zuela lortu Ecstasy filmaren kopia guztiak ezereztea eta Hedy Lamarren biluztea eta orgasmoa interneten ikusteko aukera dagoela, besteak beste, berak 1942an asmatutako teknologiari esker.
news
argia-b6d869233da2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/irla-chumea.html
Irla Chumea
Aritz Galarraga
2018-05-13 00:00:00
Irla Chumea Gurean portuari eskainitako obra gorenetako bat izango da segur aski Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? . Portutik abiatuta, itsasoetan barrena egindako bidaiari lotuko zaio gehiago Aurelia Arkotxa bigarrena duen sorkuntza lanean, Septentrio . Portuan baina jendea, horixe zuen ardatz Izagirrerenak, jendea, halakorik gabe ez baitago portu, ez itsaso, ez amaren seme-alabarik. Bazter utzi gabe giza generoa, garrantzia berezia hartzen dute Arkotxarenean lekuek, geografiak, zapaltzen ditugun itsaso-lurrek. Nagusiki narrazio liburua Septentrio halaber, Aurelia Arkotxaren erudizioa ("abenturosa eta are erratikoa ere") bilduko luke, Kenneth White poeta eskoziarrak hitzaurrean dioenagatik: "Liburu batez hasi zitzaidan. Hartan bermatuko zen bere erudizio guzia beste mundu batera eramanik, bere barne-izaeraren oldarraren osoki adieraztera". Emaitza: lau narrazio handi, narrazio txiki ugariz beterikoak (eta poema gutxi batzuk bukaera partean, baten bat pop abesti baterako egoki: "Grand Manan V ferryan / bi marinel cribaggean / jostetan ari / killing time"). Lau narrazio, bilakatzen direnak, adibidez, populu bitxien katalogo, "Pliniok bere Historia Naturalean eta bertze anitz autoreek haren ondotik" egin izan duten moduan. Bilakatzen direnak, adibidez, biderako kontseilu xume, oso zuhurrak denak, esaterako hau: "Hiru eguneko arrotza eta arraina, usain gaitz direla". Bilakatzen direnak, adibidez, mitologia bat baino gehiagoren ez dugu esango birrintzaile, baina bai kontrapuntu, edo behintzat osagarri. Esaterako euskal baleazaleena: "Eta bazekiten, bidaiant euskaldunek, marinel haiek ez zirela euskal kantu zahar batzuetan aipatzen diren 'indiano salbaiekin' eta 'iskimau gizabestiekin' beti ontsa portatu". Edota Quebec tatxarik gabearena, herri indigenen zapaltzaile ere agertzen baita orriotan: "Bakarrik frantsesez mintzatu behar genuela eskolan". Ondorioa: "Hemen, Quebeceko 'autoktonoek' ez dute PQren alde bozkatu". Esan dugu: lekuek, geografiak, zapaltzen ditugun itsaso-lurrek garrantzia berezia hartzen dute Arkotxarenean. Horien guztien izenek ere, Portutxo, Ophorportu, Irla Chumea, izendegi kurios, gertuko, baina aldi berean exotiko bat osatzeraino, Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita hartan bezain iradokitzaile. Portutxo, laket portu, irla xume bat, Aurelia Arkotxak bigarrena duen sorkuntza lan hau.
news
argia-a32b11360184
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/astigarraga.html
Baratzea lanbide nahi dutenentzako lur eskaintza
Garazi Zabaleta
2018-05-13 00:00:00
Baratzea lanbide nahi dutenentzako lur eskaintza Donostialdeako eta Bidasoako Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak baratzegintza profesionalean jardun nahi dutenentzako deialdia zabaldu du Astigarragako Udalarekin elkarlanean: udalaren lursail bat eskaintzen dute sektorean hasi nahi dutenentzat alokairu sinboliko truk. Gipuzkoako Foru Aldundiak duela lau urte abiatutako "Enplegu Berdea" egitasmoaren baitan dago ekimena. Nekazaritza lur gutxiko bailaran eskaintza zabaltzen "Gutxi dira nekazaritza lurrak gure bailaran, eta are gutxiago baratzea egiteko modukoak". Mikel Zendoia Laskarai Behemendiko kideak azaldu digu nekazaritza lur horietako askok jabetza pribatua dutela, eta jabe horiek normalean ez dituztela sailak hainbat urtetarako utzi nahi izaten. "Baratzegintza ekologikoa egin nahi duenak zenbait inbertsio egin behar ditu, eta horretarako lurraren errenta urte batzuetarako eskaini beharra zaio", dio. Epe ertain-luzerako errenta horiek lortzea zaila da, ordea. Zailtasun horri aurre egiteko jarri dute lursailaren eskaintza abian. Gazteak nekazaritzan hasteko bideetako bat izan daiteke, bultzatzaileen ustez, lur publikoen eskaintza egitea. 9.500 metro koadro inguruko lursaila beharrezko azpiegiturez hornitu dute Aldundiaren diru laguntzarekin: sarrera, lanabesak gordetzeko etxola, eta zundaketa bidez jarri duten ur depositua. "Ura eta lursaila badauka. Hortik aurrerako inbertsioak lursaila kudeatuko duen pertsonak egin behar ditu". Deialdia edonorentzako zabalik Eskaintzen den lursaila Astigarragan izanik ere, deialdia edonorentzat zabalik dagoela azpimarratu du Behemendiko kideak. Bete beharreko baldintza nagusia: bertan jorratuko den baratzegintza ekologikoa profesionala izatea, lursaila hartuko duenaren lanbidea. Lursailaren esleipena egiterako oan hainbat alderdi kontuan hartuko dituzte: "Gazteek, nekazaritzako formakuntza eta esperientzia dutenek edota emakumeek lehentasuna izanen dute. Astigarragakoa izateak badu gehigarri bat, nahiz ez den beharrezkoa". Lursailaren errenta oztopo izaterik ez dute nahi, horregatik errenta sinbolikoa izanen du. Maiatzaren 15a arte egin daitezke eskaerak Behemendin. Interesa dutenak izena ematera deitu ditu Zendoiak, Astigarragakoaz gain, aurrerago inguruko beste zenbait tokitan lur eskaintza gehiago egongo direla aurrikusten baitute.
news
argia-3f90a6db3a8a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/sakanako-batua-ikasten.html
Herriko hizkeratik gertuen dagoen euskara batuaren bila
Garazi Zabaleta
2018-05-13 00:00:00
Herriko hizkeratik gertuen dagoen euskara batuaren bila Aspaldidaniko eztabaida da euskara batuaren eta tokiko euskalkien erabilerarena: noiz eta nola erabili bata, noiz eta nola bestea. Galdera horiei erantzunak bilatzeko eta eskualdeko euskarari bultzada emateko asmoz Sakanako Batua jardunaldiak antolatu ditu Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Apirilean egin dituzte formakuntzako bi saioak Lakuntzan, Koldo Zuazo hizkuntzalariaren gidaritzapean. "Irakaslea naiz Filologia fakultatean, eta harritzen nau ikusteak nola urtero-urtero ikasle gazteak etortzen diren esanez aurkezpenetan ez dutela euskara batua erabili nahi, artifizial sentitzen direla batua erabiltzean". Euskara batuari egin izan zaion kritika nagusienetakoaren adibidetzat jarri zuen Koldo Zuazo hizkuntzalariak unibertsitatean sarritan entzuten duen esaldia. Euskara batua artifiziala, laborategiko hizkuntza dela, eta euskalkiak berriz naturalak eta benetakoak. Sakanako tokiko batuaren inguruko jardunaldien lehen saioa bere ustez okerrak eta arriskutsuak diren mitoak baztertzeko eta euskara batuaren garrantzia azpimarratzeko erabili zuen EHUko irakasleak. Entzuleen artean, Sakanako hainbat herri eta esparrutako jendea zegoen: AEK-ko, ikastoletako eta eskoletako irakasleak, zenbait euskalkiren inguruan lanean diharduten pertsonak, sindikalgintzako jendea, udaletako eta mankomunitateko kideak, jubilatuak… Gaiarekiko interesa badagoela diote Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek. "Ikastaroa jende guztiarentzako irekia izan da, baina zabalpen berezia egin dugu Sakanako ikastetxeetan, irakasleen bidez etorkizuneko belaunaldietara iritsi nahi dugulako", azaldu dute. Euskara batuaren alde, ez euskalkien kontra Esan bezala, euskara batuaren aldeko jarrera argi utzi nahi izan zuen hizkuntzalariak jardunaldietako lehen saioan, eta euskara estandarraren sorreran ikastolek izan zuten egitekoa azpimarratu zuen. "Ikastolak sortzea euskaldunok gure historian egin dugun gauzarik hoberenetakoa izan zela uste dut. Ikastolak sortzearekin batera hasi ginen gure historia, literatura, geografia eta hizkuntza ezagutzen eta aztertzen", esan zuen. Ikastolak euskaldunon sorkuntzarik handiena izan badira, euskara batua da bigarren asmakuntzarik inportanteena Zuazorentzat. Zergatik? Euskaldun guztiok elkarren artean ulertzea ekarri duelako, euskara ikasteko aukera ematen duelako, gure hizkuntza normalizazio bidean sartu duelako, Euskal Herriko zazpi herrialdeak lotu eta batu dituelako, eta euskara gramatika eta hiztegi propiodun hizkuntza bihurtu duelako.   Ikerlariak ez du inongo momentutan zalantzan jartzen euskalkien aberastasuna, baina aldi berean, horiek mitifikatzea ere ez dela komenigarria pentsatzen du, euskalkiak elkarrengandik hain ezberdinak izatearen arrazoi nagusietakoa Euskal Herriak historian bizi izan duen zatiketa dela uste baitu. "Euskalkiak badira altxorrak, baina argi izan behar dugu nondik datozen. Euskalkien jatorria ez da ona. Nik uste zazpi herrialdeak elkartuta egon izan balira, irakaskuntza eta administrazioa guk antolatu izan bagenu, ez liratekeela hainbeste euskalki egonen", dio. Tokiko batuak… zer arraio da hori? Formakuntzako bigarren saioan heldu zion hizkuntzalariak tokiko batuen gaiari. Batua versus euskalkiak antagonismotik urruti, guztiak hizkuntzaren osagaiak direla uste du Zuazok, eta konbentzituta dago euskara indartsu egoteko osagai guztiak indartsu egotea komeni dela. Horregatik dabil tokiko batuen inguruan formakuntzak ematen gaur hemen, bihar han. Euskara batua tresna egokia izanik ere, askotan ematen zaion erabilera txarra dela uste du hizkuntzalariak. Galdera hau egin zien jardunaldietako parte-hartzaileei: "Zer iruditzen zaizue Elgetan, Lapuebla de Labarcan eta Tuteran euskara berdin-berdin erakustea? Edota Arbizun eta Ondarroan? Ez al litzateke kontuan hartu behar toki bakoitzeko euskara, eta inguru euskalduna den edo ez?". Berak, erantzuna argi du: bai. Eta adibidea jarri zuen erabilpen oker hori azaltzeko: Mungiako 5 urteko bilobari " zelan zauz ?" galdetu eta hark "ez da esaten zelan zauz , nola zaude esan behar da" erantzun zionekoa, irakasleak horrela erakutsita. Herri eskandinabiarrak hizkuntzaren irakaste horretan eredutzat ditu ikerlariak. Herrialde horietan, 4 urte ingururekin bertako hizkuntzan egiten dute haurrek eskolan, eta irakurtzen eta idazten ikasten doazen heinean hasten dira hitzak osorik ikasten. "Umea pixkanaka, urratsez urrats pasatzen da ahozkotasunetik idatzizkora, etxeko hizkeratik hizkuntza jasora, baina beti herriko hizkeran oinarrituta", azaldu du. Euskaraz ere antzeko moduak bilatu behar direla uste du. Azken batean, proposamena ez da bi batu ezberdin ikastea: ez dago batu estandarra alde batetik eta tokiko batua bestetik. Batu bakarra eduki behar dugu bere ustez, eta batu horrek tokikoan egon behar du oinarrituta. "Hori lortuko bagenu jendeak errazago ikasi eta onartuko luke batua. Artifiziala denaren argudio hori askotan oso urruneko batua erabiltzen dugulako gertatzen da, batu oso 'arraro' edo teknikoak gaitzespena sortzen du askotan", dio. Sakanan, 'bota naiz' eta 'fan' Urdiainen hiru urtez bizi izan zen Zuazo bertako euskara ikasten. Bazuen, beraz, harreman nahiko estua Sakanako hizkerarekin lehenagotik. Bertan 'bota naiz' edota 'fan' hitzak erabiltzea, adibidez, egoki deritzo. Arazoa, ordea, askotan euskara batua zer den ere ez dakigula da bere ustez, eta ongi dagoena txartzat hartzeko joera daukagula. "Nork debekatzen du 'bota naiz' esatea? Ez duzue topatuko Euskaltzaindiaren agiririk hitz hau edo hori baztertu behar dela dioena. Horrelako araurik ez da sekula eman". Tokiko administrazioan, udaletan, eskoletan, herriko elkarte eta erakundeen oharretan… horietan guztietan tokiko batua erabiltzearen aldekoa da Zuazo, eta ez soilik ahozkotasunean, baita idatzizkoan ere. "Ipar Euskal Herrian nonahi irakurtzen dugu 'arnoa' edo 'gasna'. Ea hemen, Urbasan edo Burundan, non ikusten duzun 'gaztaia' hitza idatzita. Inportantea da tokiko euskara ez soilik entzutea, baizik eta irakurtzea, ikustea". Ildo beretik hitz egin dute Euskara Zerbitzutik ere, jardunaldien sorburuaz galdetuta: "Euskal Herrian euskara batu berbera erabiltzen dugu leku eta zeregin guztietan. Egokiago litzateke bertako hiztunei zuzendutako ahozko eta idatzizko jardunetan bertako hitzak, esapideak eta ezaugarriak erabiltzea. Sakanako batuari bertako hizkeren kolorea eta bizitasuna eman nahi diogu, gureago senti dezagun". Hizkuntza gauza zabala da, eta hizkerak asko daude. Egin dezakegu euskalkia gure gertuko jendearekin, euskara batua urrunagokoekin, egin dezakegu lagunarteko euskara lagunekin eta euskara jasoa eremu formaletan. Galdera da: zein da hizkera ona? "Bada, hizkera onak denak dira. Bakoitza dagokion esparruan erabili beharko dugu, hori jakitea da inportantea".
news
argia-622b6dc8feb5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/landareak-usainean.html
Landareak usainean
Jakoba Errekondo
2018-05-13 00:00:00
Landareak usainean Landareek usaindu egiten dutela jakina da, gero eta jakinago. Aspaldi genekien animalia belarjaleengandik babesteko landareen martingala: hozkada jaso duen landareak usaina askatzen du, aldameneko landareak jakinaren gainean jartzeko; horiek hostoak mikaztuko dituzte eta animaliarentzako ez dira gustukoak izango... Landareak beraien artean bezala, animaliekin ere jokatzen dute usainen dema-plazan. Ameriketan ikertua da honako hau: urrezko makilaren ( Solidago virgaurea ) generoko landare batzuen hostoetan euli batzuen arrak jartzen dira emeen zain, eta substantzia kimiko nahasketa bat hedatzen dute haien amu. Emeak etorri, arrekin ibili eta gero arrautzak jartzen dituzte landareen zurtoinak ziztatuz. Bada, landare batzuk arraren usain horrekin eta beste batzuk gabe jarri eta emeen arrautzak non zeuden neurtu dute. Usainik gabekoetan lau aldiz arrautza gehiago zegoen. Arrautza jartzeko ziztada hori txarra da noski, zauria, eta, hori gutxi balitz bezala, sortuko diren harrek jaio ordurako landareari hozkaka ekingo diote. Atera duten ondorioa zera da: arren usaina aditu egiten du landareak eta eme errulearen eraso ziztatzailea uxatzeko babesak prestatzen ditu; babes horiek kakalardo eta bestelako belarjaleak ere uxatzen dituztela neurtu dute. Orkidea batzuena ere ezaguna da. Loreak intsektu jakin baten emearen itxura osoa du, eta arra hura estali nahian lorean pausatzen da. Igurtzi eta igurtzi, polinizazio ederra gauzatuko du: aurretik igurtzitako loreetako polena eman eta lore honen polena hartu hurrengo igurtzialdiko lorean uzteko. Orkidea batzuk areago joan dira. Ispilu erle-lorea edo ispilu orkidea ( Ophrys speculum ) adibide polita da. Lorean duen labeloak edo itxuraldatutako petaloak Dasyscolia ciliata erle mediterraniarraren emearen sorbalda zehatz-mehatz imitatzen du: geldirik dagoenean hegoak bizkar gainean bilduta duten kolore urdina du; inguruko iletxoek erlearen sabelaldekoen antza dute, eta goiko petaloak erlearen antenen berdinak dira. Hori gutxi, eta emeak arra erakartzeko erabiltzen duen feromonaren usain bera zabaltzen du orkideak. Ziriari zotza sartzeko, erle eme ernalduak arrek bakea emateko erabiltzen duen usain bera jariatzen du ernaldutako loreak. Utikan erle gogaikarri hori!
news
argia-6c64daa8835d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/langileak-ere-arduradun-dira.html
Langileak ere arduradun dira
Juan Mari Arregi
2018-05-13 00:00:00
Langileak ere arduradun dira LABek eta CCOOk eskatu dute "iker dadila zehatz eta mehatz" Eulen enpresako 48 urteko langile baten heriotza, Iruñeko Arrotxapean etxebizitza bat margotzen ari zela. Jakin nahi dute, lurrera erori zenean prebentzio neurri egokiak harturik ote zeuden eta salatu dute enpresaren aurreikuspen falta. LABen esanetan prekarietateak eta lan baldintza kaskarrek eragiten dituzte halako istripuak, eta administrazio publikoei eskatu die beste aldera ez begiratzeko eta baliabideak jartzeko, istripu horiek eragozteko neurriak har daitezen. CCOOk, bere aldetik, araudia zorrotz bete dadila eskatu du, batez ere enpresen jarduera koordinatzeko orduan, ezbehar asko hainbat enpresek bat egiten duten lantegietan gertatzen baitira. Sindikatuen erreakzioa langile bat hiltzen denean gertatu ohi da. Eta egia da enpresak eta administrazioek erantzukizun larria dutela, prebentzioan, lan baldintzen ikuskaritzan eta inbertsioak egiteko garaian, izan istripuz nola gaixotasunez, heriotza gehiago egon ez daitezen. Langileen jardunari ere begiratu behar zaio ordea, baita enpresa batzorde eta sindikatuei ere, jakiteko noraino iristen den beraien ardura heriotza horiekiko. Zer egiten dute langileek berek, batzordeek eta sindikatuek, enpresako lankideak ikusten dituztenean prebentzio neurriak bete gabe lanean? Ohartarazi eta derrigortzen dituzte neurri horiek hartzera? Zer egiten dute segurtasun arauak hausten dituzten kontratak ikustean? Beste aldera begiratu euren enpresakoak ez direlako? Enpresak eta administrazioak dira erantzule, baina langileek, batzordeek eta sindikatuek badute ardurarik.
news
argia-150c9bc1c078
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/sarrionandiaren-beltza.html
Sarrionandiaren beltza
Imanol Alvarez
2018-05-13 00:00:00
Sarrionandiaren beltza Txikitan, zapata-kutxa bat zulatu, atzean jarri, eta irrati-esatariarena egiten nuen. Etxean telebista sartzearekin batera, pantaila-aldean zuloa zuen paperezko telebista egin nuen, eta handik marraztutako paper-zintak pasatu, telesaioak irudikatuz. Etxekoek beste inork ikusten ez zituen aldizkaritxoak idazteko ohitura ere banuen. Geneetan kazetaritzarako grina neraman, nonbait. Baina, ez. Pentsatu arren, ez nuen kazetaritza ikasi, besteak beste, Euskal Herrian Iruñeko Opusen baino ezin zelako egin. Azkenean, Bilbon geratu, eta bizitzan ia inoiz erabili ez dudan beste lizentziatura bat atera nuen. Unibertsitate garaian, Bilbo Zaharrean ezagutu nituen Pott bandako mutilak: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia... Ez dut esango lagun bihurtu ginenik, baina nolabaiteko adiskidetasuna sortu bai; eta gaur egun ere, elkar ikusiz gero, agurtu egiten gara. Kontua da behin baino gehiagotan ahalegindu zirela animatzen zerbait idatz nezan argitaratzen zuten aldizkari literarioan. Nire ustez injustuki ahaztua eta gutxietsia izan den Xabier Gereño ere ezagutu nuen garai berean; eta berak berdin, ea zergatik ez nuen nobelarik edo idazten. Nik beti ezetz, literaturak ez baininduen erakartzen. Literaturak erakarri ez, baina kazetaritzak bai. Eta Anaitasuna aldizkarian hasi nintzen laguntzen: tolesten, seiluak jartzen..., zuzendari izendatutakoan, Tomas Trifolek "bestelako" erreportajeak egitea eskaini zidan arte, aldizkaria eraberritu nahian-edo, serioegia baitzen. Nik baietz. Gehienbat antzerkiaz, kabaretaz eta horrelakoez idazten nuen, hori baitzen gustukoen nuena. Behin hasita, ezin gelditu, eta lana beste bat izanagatik ere, bizitza osoa eman dut medio askotan kolaboratzen, prentsa idatzian zein irrati-telebistetan, euskaraz zein erdaraz. Behinola, Harkaitz Canori anekdota bat entzun nion, Paul Auster nola ezagutu zuen kontatuz. Izugarri gustatu zitzaidan. Gogoratzen dut amaitzen zuela esanez: "Ni naiz Paul Auster zapaldu zuen gizona". Bada, jubilatu aurretik eman nuen azken klasean, halako batean, burura etorri zitzaidan ia inoiz kontatu ez dudan neuri gertaturiko anekdota. Anaitasuna -n nenbilen garai berean, Joseba Sarrionandia Zeruko Argia -n zen kolaboratzaile. Egun batean, ez ei zuen astirik asteroko artikulua idazteko, eta eskatu zidan haren ordez idatz nezala. Horrela publikatu zen nire lehen artikulua astekari honetan, nahiz eta ez dudan gogoratzen neure izenaz edo bereaz agertuko zen. Edonola ere, Cano parafraseatuz, horrelaxe amaitu nuen nire azken klase hura, esanez: "Ni naiz Joseba Sarrionandiaren beltza izan zen gizona".
news
argia-e36448a081de
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/saioa-olmo.html
Artea eta gizartea
Xabier Gantzarain
2018-05-13 00:00:00
Artea eta gizartea Objektuak baino egoerak sortzea ez da berria artean. Esan liteke objektuak eurak ere egoerak sortzeko bitartekoak baino ez direla, izan eskultura, izan koadro, marrazki, zernahi. Animo eta arima egoerak sortzeko, aldatzeko, bideratzeko izan dira beti arte lanak. Indibiduo zein kolektiboenak. Alderdi horretatik heltzen dio arteari Saioa Olmo Alonsok (Bilbo, 1976ko maiatzaren 10a). Proiektu artistikoak garatzen ditu, ideiak, haiek hartuko duten forma ere zaintzen duen arren. Baliteke inork entzuna izatea 2007an Consonnirekin batera burutu zuena: Atrakzioen Itzulera . Bisita gidatuak antolatu zituen, hasierako suziri eta guzti,  Artxandako jolas-parke abandonatura. Beste hainbat eta hainbat proiektu burutu ditu, tailerrak eman ditu, ikerketak egin ditu, diseinua eta komunikazioa ere landu ditu. Bere webgunean dauzkazu denak ikusgai: ideatomics.com . Niri, Andoaingo Basteron ikusi nuenetik, Euskadi TM beti iruditu izan zait oso intuizio fina. Halaxe dio artistak aurkezpenean: "EUSKADI™ kultura jakin baten nortasunaren gaia, kasu honetan euskal kulturarena, balio ekonomiko gisa lantzen duen jardunbidea da. Galdera bat mahaigaineratzen du egitasmo honek: 'EUSKADI' komunitate, kultura edo lurralde batasun baten izena izateaz gain, produktu baten marka-izena ere ba al da? Kontsumoaren eta ondasunen gizarte honetan, kultura eta nortasun-ezaugarriak balio ekonomiko nola bihurtzen diren aztertzen du eta baita, esparru komertzialak kultura jakin bat zabaltzean izan dezakeen zeregina ere". Proiektua burutu zuenetik urte asko pasa da, eta bere intuizioa erabat bete dela esan daiteke: ezer izatekotan, marka komertziala da Euskadi. Eta Euskadi saltzen du. Haizea Barcenillarekin batera Wiki-historiak proiektu garrantzitsua bultzatu zuen.
news
argia-fd1397a9497e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/eta-lekuko-gutxiren-aurrean-desegin-zen-henri-dunant-zentroan.html
ETA lekuko gutxiren aurrean desegin zen Henri Dunant zentroan
Estitxu Eizagirre
2018-05-13 00:00:00
ETA lekuko gutxiren aurrean desegin zen Henri Dunant zentroan Apirilaren 27an filtratu zuen albistea El Mundo k: maiatzaren 3an, Genevako Henri Dunant Zentroa n, 14:00etan, ETAko hiru kidek bideoa grabatuko omen zuten amaiera iragartzeko. Suitzako beste hiri batean, Zurichen, harrapatu gintuen ARGIAko bi kazetari iragarpen honek, maiatzaren 1eko kronika egitera joanak (Panorama atalean dago ikusgai). Apirilaren 30ean La Razon i irakurriko genion bideoa dagoeneko grabatua zutela Henri Dunant Fundazioan eta Espainiako diplomaziak "oraingoan bai" esku-hartu zuela, eragozteko Suitza eta Norvegiako gobernuek beren bermea adieraztea ekitaldi horretan. Maiatzaren 2ko eguerdian Eldiario.es -ek filtratu zuen ETAk apirilaren 16an sinaturiko gutuna, bertan iragarriz bere egitura guztiak desegin dituela; eta biharamonean nazioarteko telebistaren batek, ziur aski BBCk, bideoa emango zuela ere esaten zuen. Badaezpada Suitzako egonaldia luzatuz joan ginen, baina irakurritakoak irakurrita, maiatzaren 3an Genevako Henri Dunant Zentroan albisterik eskuratzeko gero eta esperantza ximelduagoarekin. Hala ere, alferrik joan izanaren pena, joan ez izanaren damua baino samurragoa izango zitzaigun. ARGIAko kolaboratzaile batek eginiko diplomazia lanari esker, maiatzaren 2an Henri Dunant Zentroari galdetu genion, telefonoz zein idatziz, ea prentsak ateratako informazioak egiaztatu edo gezurtatu zitzaketen, eta ea biharamunean Euskal Herriko gatazkarekin loturiko ekitaldirik egingo zen –eta hala balitz, ARGIAk akreditazio eskaera luzatzen zuela–. "Hedabideetako albisteez ez dugu adierazpenik egiten. Ulertuko duzuelakoan..." erantzuna. 6:30ean autoa hartu Zurichen eta 11:00 aldera Genevako egoitza famatuan ginen. Zer poza gurea telebista kamerak atarian ikusita! Euskal telebista-irrati publikoko eta nazioarteko hainbat medioetako kazetariekin berriketan, denek galdera berak: euren nagusiek zitatu zituztela 14:00etan "zerbait" gertatuko zelakoan, baina inork "zer" izango zen arrastorik ez. Gainerakoek izena emana omen zuten sarreran, eta 13:30ean esango omen zieten medioei "zerbait". Sarrerara jo dugu gure "gosez ez hiltzeko adinako" ingelesarekin. Kazetari txartela erakutsi, eta gu ez omen gaude zerrendan. Ea zerrendan egoteko zer egin behar den. Aurrez egon behar zela zerrendan. Ados, baina nora deitu edo idatzita (emailean begiratzeko, gure mezua han dutela). Erantzunik gabeko esaldi kateatua bueltan. 12:30 aldera beste taldetxo bat iritsi zen: Berria ko bi kazetari, Gara ko beste bi, eta Argazki Presseko argazkilaria. Haiek adierazi ziguten bi aste lehenagotik zeudela gonbidatuak, eta ekitaldi horrek pribatua behar zuela izan, medio espainiarrek filtratu ez balute. Berria k maiatzaren 4a n argitaratuko zuenez, bi medio hauek, BBC eta Suitzako hiru medio omen ziren deitutako bakarrak. Egun horretako bideo eta argazki guztiak, Gaitzerdi blogeko albiste honetan . Euskal eta Suitzako telebistei 13:30ean zabaldu zieten atea, sartzeko. 13:45ean Berria - Gara -Argazki Pressi. Eta 13:55ean sartu ziren, Espainia eta Europako hainbat telebista eta prentsari irudiak zabalduko zizkieten EFEko kamerak eta ARGIAko bi kazetariak. Kataluniako independentzia aldarrikapenaren berri emateko erraztasun guztiak jarri zitzaizkien kazetari eta medio guztiei. Zenbatek eta gehiagok bere berri eman, oihartzun zabalagoa nazioartean. Zein aldagaik lehenetsi dezake ekitaldi pribatu bat, nazioartean ahalik oihartzun zabalena ematearen aurrean? Frantziako Justizia ministro ohi Christiane Taubira ezagutu genuen bertaratutako "diplomatiko"en artean. Zergatik ez zuten nazioarteko ordezkariek elkarrekin argazkirik atera, zergatik ez zuten hauen izen-zerrenda zabaldu? Denborarekin jakingo dugu zerbait, agian.
news
argia-30962bd1ab67
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/agus-rodriguez-barrako-barrikadatik.html
"Metroa, AHTren geltokia... Donostia zer izango da, Montecarlo bat?"
Danele Sarriugarte Mochales
2018-05-13 00:00:00
"Metroa, AHTren geltokia... Donostia zer izango da, Montecarlo bat?" Inoiz joan bazara Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernara, seguru barraren atzean ikusiko zenuela Agus Rodriguez, irribarrez, batekin edo bestearekin hizketan. Nor da, ordea? Bere hitzetan: "45 urteko gazte bat, euskaldun berri zaharra, donostiarra, semea, aita, anaia, lankidea, batzuetan nagusia, eta militantea". Tabernaren azken urtearen atarian hitz egin dugu berarekin. Sustraiek eta batez ere amak eragin handia izan omen dute zugan. Nor zen, eta zer eman zizun? Ama Chipionan jaio zen, Andaluzian, aita bertakoa zuelako, karabineroa gainera –errepublika garaitik zetorren polizia bat, gero guardia zibilak xurgatu zuena–. Hori da nire jatorria. Amaren ama zumaiarra zen eta amak 8 urte zituela etorri ziren hona. Amak Andaluzian esan ohi zuen euskalduna zela eta hemen, berriz, andaluziarra zela. Hark hezi gintuen hamar seme-alabok, hark transmititu dizkigu gure balore guztiak, horregatik da inportantea. Zer balore? Umiltasuna, eskuzabaltasuna... zaila egiten zait hitzak jartzea, egia esan. Solidarioa zen, eta langilea ere bai, sekulako lana egiten zuen etxean eta handik kanpo. Gure amak erakutsi zigun inoiz ez dela poztu behar inoren heriotzarekin eta sufrimenduarekin, eta horrek lagundu dezake ikuspegi zabalago bat izaten gaztea zarenean eta pixka bat itsu zaudenean. Gaztetan hasi zinen militatzen. Nolako giroa zebilen? Hasteko aipatu behar dut ni beste mundu batetik natorrela, erdararen mundutik, ez nuen ikastolan ikasi, baizik eta eskola publiko batean, Ategorrietan, eta uste dut horrek ere balore onak eman zizkidala, euskara izan ezik. Militantziarekin lotuta, ez dakit zergatik baina argi neukan euskara ikasi nahi nuela. Nire etxean erdaldunak ginen, baina euskal kultura asko jaso dugu, euskal kantak eta abar. AEKn, garai haietan, euskara ikasteaz gainera euskal kulturaz blaitzen zinen, parte hartzen genuen euskal inauterietan, Groseko jaietan… Gazte asanbladan hasi nintzen, gero ibili nintzen Herri Batasunako komite lokalean, Marrumako txoko elkartean eta ondoren lau urtez egin nuen lan Marruma tabernan. Groseko auzo elkartean ere militatu nuen. Beti esan dut niri egokitu zitzaidala militantziaren une goxoak bizitzea. 80ko hamarkadan Euskal Herria omen zen Europan elkartegintza gehien zeukan herrialdea, eta hori nik bizi izan dut, nire auzoan; gazteak zein helduak ibiltzen ginen denok batera. Altruismoa zen gure armarik eraginkorrena. Sinesten genuen horri ordu pila bat eskaintzen genion, izan auzo elkartea, kolektibo feminista, HB edo dena delakoa, bakoitza berean. Herriko tabernen auzian atxilotu zintuzten. 2002ko apirilean atxilotu ninduten, eta gure sumarioaren ezaugarri nagusietako bat izan zen asko luzatu zela. Epaiketa hasi zen 2013ko urrian, bost hilabetez joan ginen Madrilera, 2014ko martxora arte. Behin-behineko epaia atera zen 2014ko uztailaren 31n, eta behin betikoa, berriz, 2016ko urtarrilean. Hau da, ia-ia 14 urtez egon ginen esperoan, jakin gabe zer gertatuko zen gure bizitzarekin, astero sinatzera joanez, Espainiako Estatutik ezin irtenda… "Badirudi Rekalde bezalako espazioak soberan daudela hiri eredu honetan" Zer leporatu zizueten? Instrukzioak iraun zuen hamabi urteetan mantendu zuten herriko tabernek diruz hornitzen genuela ETA. Ez zuten inongo frogarik aurkeztu hori erakusteko. Epaiketaren azken aurreko egunean, ordea, fiskalak jauzi hirukoitz bat egin zuen eta leporatu zigun Batasuna hornitzea diruz. Beste kontzeptu bat asmatu zuten: erakunde terrorista baten mendeko erakunde baten kolaboratzaile. Kontua da 2002ko apirilean atxilotu gintuztela eta beraz epaitu behar zutela hori baino lehenagoko jarduna, baina garai hartan Batasuna legezko erakundea zen, 2003ko uztailean utzi baitzuten legez kanpo Alderdien Legearen bidez. Hortaz, akusazioak ez zeukan inongo funtsik, gure epaiketa erabat politikoa izan zen. Beste kasu askotan bezala. Azkenean, zortzi urte beharrean, fiskalak bi urte eta bi hilabete eskatu zituen, eta hamabost hilabetera zigortu gintuzten, baina ez ginen kartzelara joan " dilaciones indebidas " delako horiengatik, egon ginelako denbora pila bat inongo arrazoirik gabe epaiketaren zain lehendabizi eta epaiaren zain gero. Esperientzia horren ostean zer azpimarratuko zenuke? Une txarrak izan ziren, noski, beldurra pasa nuen; baina zorionez banuen familiaren eta lagunen babes osoa, eta balorazio positiboa egin dut askorako eman zidatelako kalabozoan egin nituen 120 ordu haiek, eta gure kasuan ez gintuztelako bortizki torturatu eta azkenean ez gaituztelako espetxeratu. Epaiketari lotuta, bi gauza azpimarratuko nituzke. Batetik, ni lehenago lekukoa izana nintzen Gestoren aurkako epaiketan eta egona nintzen 18/98 sumarioko saio batean, eta ikusia nuen zelako tranpak egiten dituzten Auzitegi Nazionalean, legea nola estutzen duten, baina gure epaiketan, bost hilabete horietan, izugarriak eta bi ikusi eta entzun nituen. Eta txapuzak… Askotan pentsatu dut lau hileko liberazio bat hartzea eta halako pasadizoak kontatzea; liburu bat egin nezake. Argazkia: Dani Blanco. Adibiderik? Bost hilabetez joan ginen Madrilera astero, eta lehenengo asteetan saio asko bertan behera geratu ziren beraien kapritxoz: demagun guk genuela plangintza asteazkenera arte, bada asteartean ez dakit zer lekuko ez zegoela-eta, etxera joan gintezkeela esaten ziguten. Epaiketaren bukaera aldera, ordea, justu kontrakoa gertatu zen, guk genuen hotela hartuta astelehen gauera arte, eta astearte arratsaldean esan ziguten biharamunean itzuli behar genuela: pentsa, etxera deitu, seme-alabak zituztenen kasuan haien zaintza kudeatu, lanean baimena luzatu… Sekulako nahaspila, jende pila bat ginen gainera, auzipetuak ez ezik abokatuak ere bai. Tira, esan moduan asteartean bukatu behar genuen, baina esan ziguten asteazkenera arte geratu behar genuela, geratu ginen, egin genuen goizeko saioa, eta gero berriro arratsaldean joanarazi eta denbora pila bat eduki gintuzten sartzeko zain. Halako batean atsedenaldi bat eskatu zuten, eta kanpoan geundela etorri zen gure abokatuetako bat eta esan zigun: "Idazkariari entzun diot berehala bukatuko dugula arratsaldeko saioa, Don Angelek [Hurtado, epailea] Santiago Bernabeura joan behar duelako Champions partida ikustera". Berez arratsaldeko saioak izaten ziren zazpiak arte, bada hura amaitu zen seiretan zeren Don Angelek futbola ikustera joan behar zuen. Ematen du gustu txarreko txiste bat, baina ez da hala, horrela funtzionatzen dute. Horrek erakusten du nola ikusten gaituzten, zer garen gu beraientzat: bortz. Azpimarratu nahi zenuen beste elementua zein da? Gauza positibo bat: Madrilgo jendearen elkartasuna. Ikaragarria. Guk agian espero genezakeen edukitzea babes politikoa, baina hauek asmatu zuten modu bat giza babesa antolatzeko, jakinik zenbait hilabetez astero-astero joan behar genuela hara, hotel batera, etxetik kanpo… Epaiketaren ostean ni saiatu naiz hori helarazten hemen, Madrilen badagoela jende benetan solidarioa, arriskuak hartu dituena guri babesa erakusteko. Askotan kexatu izan gara estatuko ezkerrak daukalako 1.000 km-ko sindromea, alegia, Saharan edo Palestinan gertatuz gero ontzat jotzen dutena hemen ez dutela begi onez ikusten. Baina guk akats bera egin dugu, guk ere uste izan dugu: "Ezkertiarrak bai, baina espainolak". Espainolak diren ala ez, hasteko, haiei galdetu behar genieke, eta gero jende horrekin gauza asko daukagu konpartitzeko, eta ez hori bakarrik, haiek konplexurik gabe gainditu dituzte beste ezkertiar batzuek ipinitako oztopoak guri elkartasuna emateko, eta iruditzen zait zentzu horretan zorretan gaudela, haiekin eta bisitetan babesa edo aterpea eman digun jende anonimo horrekin guztiarekin. Euskaraz ikasteko gogo bizia zeneukala aipatu duzu lehen, zer dela-eta? Hainbat oroitzapen dauzkat. Gogoratzen naiz behin joan nintzela Zumaiara, nire amonaren herrira, jaietara: Jon Maia bertsotan ari zen eta oso gutxi ulertzen nuen. Eta hor gogoa piztu zitzaidan, zerbait galtzen ari nintzelako sentipena neukan. Ez zen beharra, ez zen obligazioa, gogoa neukan, benetan sentitzen nuen ez nintzela ni, zerbait gehiago behar nuela. Gurasoek ezin zieten seme-alaba guztiei euskaltegia ordaindu –ezta unibertsitatea ere–; orduan bilatu nuen lan bat, ikastola bateko begirale, eta horretarako euskara jakin behar nuenez, ikastolako gurasoen elkarteak ordaindu zidan euskaltegia. Hiru urtez egon nintzen, ondo moldatzeko adina, nahiz eta etengabeko ikasketa-prozesua den, noski. 25 urte beranduago, iaz, C1 maila atera nuen, gauzak horrela daudenez paper batekin demostratu behar duzulako badakizula euskaraz, eta orduan atera nuen. Asko harritu ninduen jendearen jarrerak: titulu bila zihoan euskaltegira. Orain dela 25 urte joaten ginen euskara ikasi nahi genuelako, azkenengo mailara iristen zinenean akaso eskaintzen zizuten EGArako prestatzea, baina hori aukeran, eta orain, ordea, horixe bilatzen du jendeak. Uler dezaket, neurri batean, baina hizkuntza akademiaren kutsua hartu nion, eta garai batean ez zen hori. Argazkia: Dani Blanco. Esamolde berritu bat entzun izan dizut: jendeak euskaraz egiten diela haurrei, txakurrei… eta tabernariei. Rekalden gertatzen zait: bi lagun sartzen dira, gazteleraz elkarren artean, biek egiten didate euskaraz, ez soilik kafea eskatu baizik eta semeaz galdetu adibidez, gero urruntzen naizenean kafe-makinara berriro hasten dira gazteleraz, eta ni kafeekin etortzen naizenean euskaraz egiten didate berriro. Orduan, batzuetan, jolasean ibiltzen naiz, ea haiek konturatzen diren zelako erridikulua den. Gure herrian horixe da tragedia, euskaldun asko dago baina ematen du ohituren aurka ezin dugula jauzi hori egin, jakitetik erabiltzera. Guk egin dugu, etxean eta kuadrillan. Egin daiteke. Hamasei urte dira Rekalde taberna ireki zenuela. Zer asmo zenuen? Hasteko esan behar dut lau urtez egin nuela lan Marruma tabernan eta han ikasi nuela lanbidea. Oso eskertua nago. Hain zuzen ere Marruman lan egiten zuen emakume bati esker jakin nuen aurretik Rekalde zeukatenek hura uzteko asmoa zutela, eta xarma berezia zeukala iruditzen zitzaidanez, animatu egin nintzen. Argi neukan ez nuela taberna arrunt bat egingo, jakiak eta edariak saltzeko postu bat bakarrik, baina ezta ere herriko taberna bat. Esan dezakedan bakarra da nire aurreikuspen guztiak soberan gainditu direla, eta bilakaera bat izan duela, igual nire bilakaera pertsonalarekin batera joan dena. Hazi egin gara, ikasi egin dugu, esperientzia hartu, eta esango nuke gure bertuterik handienetako bat dela toki irekia dela, jendea eroso sentitzeko modukoa. Rekalden pertsona guztiak dira ongietorriak, jarrerak dira soberan daudenak, jarrera matxista, homofobo eta xenofoboak. Bertan lan egiten dugunon ardura da espazioa zaintzea, horregatik dauzkagu sekulako sukaldariak, kafe ona eta tratu goxoa, baina zuek betetzen duzue edukiz, eta ni harro nago gaur egungo gizarte indibidualista eta kontsumistan halako jendea dagoelako, bestelako mundu batekin amestu eta hori lortzeko lanean diharduena. Rekalde hartu nuenean horrelako zerbait nahi nuen, baina bila joan baino, sartzen utzi diot. Datorren urtean itxiko dituzue ateak? Oso une kritikoan gaude hiri ereduari dagokionez. Gure esparruan, tabernak jasotzen ari gara bere garaian merkatal zentro handiek denda txikiei egin zieten kaltea: orain etortzen ari diren kanpoko eta Euskal Herriko inbertsio-talde delakoak tabernak erosten ari dira, igual horrelako talde batek zazpi taberna dauzka. Hiriaren eta auzoaren arima akabatzen ari diren testuinguru horretan, Rekalde arnas gune bat da, eta gu harro eta oso pozik gaude horretaz, baina, nonbait, Udalean aspalditik agintzen duen hirukoarentzat (EAJ, PSE eta PP), Rekalde bezalako espazioak soberan daude. Ez dakit kontziente diren jendearen haserrearen tamainaz, esparru eta jatorri anitzeko jendearen suminduraz. Zer beste alorri eragiten dio hiri eredu horrek? Donostian bizitzea zail dago: jendea ezin da bere auzoan geratu bizitzen, ematen du guk joan behar dugula periferiara, eta kanpotik datozen turista eta aberatsei utzi tokia. Kezka handia dut. Alarma gorriak piztu behar ditugu. Lehenago zurrumurrua zebilen, baina orain begi-bistakoa da, gauzak ari dira gertatzen, eta are okerragoa da begi-bistan ez dagoena. Boteretsuen modus operandia da, Udalaren baimenarekin, gauzak ezkutuan egitea: eraikinak saltzen dituzte eta ondoren erabilera aldatzen, etxebizitza izatetik hirugarren sektoreko erabilpena izatera. Ez ditugu berehalakoan ikusiko aldamioak eta garabiak, baina hori ja badago eta hemendik bi urtera edo egoki deritzotenean egingo dute. Beranduegi izan baino lehen borrokatu behar dugu; begira Metroaren proiektua, AHTren geltokia… Donostia zer izango da, Montecarlo bat? Antolatzen ari zarete. Auzo elkarte potente bat dago, horretan dabilena, eta Alde Zaharreko bizilagun naizen aldetik, uste dut auzoan kontzientzia dugunok ari garela auzo elkartearekin eta beste eragile batzuekin batera lanean. Gehien harritzen eta larritzen nauena da badirudiela gazteen edo okupen kontu bat dela hau, baina ez da hala: guztion arazoa da, guztioi eragiten digu. Ez da nik Alde Zaharrean geratu nahi dudala bizitzen, baizik eta ezin digutela gure izaera kendu.
news
argia-f6db3d387025
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/bettina-cruz-velazquez-lurraren-defendatzaile-indigena.html
"Iberdrola berdez mozorrotzen da"
Jabi Zabala
2018-05-13 00:00:00
"Iberdrola berdez mozorrotzen da" Mexikoko Oaxacako Tehuantepec-eko istmoan sortu zen Bettina Cruz Velázquez (Juchitán de Zaragoza, 1962) eta han bizi da. Gaztetatik ibili da borroka sozial eta politikoetan engaiatua eta, egun, Indigenen Kongresu Nazionalak (CNI) aukeratutako Indigenen Gobernu Kontseiluko (CIG) gobernu organoaren batzarkidea da. Bere lurraldean enpresa handiak –tartean euskal enpresak– eraikitzen ari diren aerosorgailu parkeen aurkako mugimenduko buruetakoa dugu. Energia eolikoaren aurka zaudete? Ez, lurraren berotzea moteldu dezaketen energia berriztagarrien alde gaude. Inposatzearen aurka gaude, ordea, gure bizimoduaren aurkako garapen eredu arrotza ezarri nahi baitigute diru gehiago irabazi beste helbururik ez duten enpresa handiek. Gainera, energia ustez berdea ez da hain berdea. Adibidez, Iberdrola aztertu dugu: berdez margotzen du bere burua baina sortzen duen energiaren %4 besterik ez dator iturri berriztagarrietatik. Ez dute berotze globala geldiarazteko asmo zintzorik. Enpresek karbonoaren merkatua sortu dute, hau da, karbono bonuak eros ditzakete euren karbono isurtzeak moteldu gabe. Lurraldeen eta jendeen esplotazio prozesu asko daude haize sorgailuen eraikuntzan. Nahi dugu jendeak era integralean ikusi ahal izatea energia eolikoaren kontua, ez dezatela energia, haizeak sortuta egonda ere, berez berdea delako ideia saldu. Nola hasi zen parke eolikoen eraikuntza Oaxacan? Tehuantepec-eko istmoan bost herri indigena bizi gara eta, gure zoritxarrerako, eskualde haizetsua da. Ez genuen espero haizea gure hondamendiaren abiapuntua izango zenik, izan ere, gure hizkuntzan haizea zein arnasa "bi" hitzarekin izendatzen ditugu. Kioton eta Parisen hartu ziren erabakien ondorioz, trantsizio energetikoarekin konpromisoa hartu du Mexikok ere, energia berriztagarriak ustiatzeko. Bada, sistema kapitalista globala planeta osoko lurretara hedatzen da, herriei ondasunak eta baliabideak kenduz. Hor hasi dira agertzen gurean enpresa handiak, batzuk zuek ezagutuko dituzuenak: Gamesa, Fenosa, Acciona, Renovalia Energy, Abengoa, Siemens... Printzipioz onuragarria beharko luke eskualdearentzat. Enpresak gure eskualdearen garapenerako ari omen dira inbertitzen, denontzako lanpostuak sortzeko, baina gauzak ez dira horrela. Hasteko, gobernuak mila milioi dolarreko inbertsioa iragarri duenean inoiz ez du esan inbertsio horren %80 teknologian geratuko dela, Mexikotik kanpo, teknologia sortzen den guneetan. Beste %20 parkea instalatzen ari direnek eramaten dute eta %0,1 jasotzen dute lurren jabe diren nekazariek. Lege hizkeran idatzitako 17 orrialdeko kontratua sinarazten diete idazten eta irakurtzen ez dakiten indigenei. Neoliberalismoa indarrean sartu zenetik gobernua energia sorkuntzatik at dago eta sektorea espekulatzaileen esku dago. Milaka hektarea bereganatu dituzte, dagoeneko 1.925 aerosorgailu ezarri dituzte 25 parke eolikotan eta gobernuak 3.000 megawatt gehiago ezarri nahi ditu. Eragina oso handia da lurraldean. Zein da parkeen eragina komunitateetan? Era askotan eragiten dute: ezberdintasun sozialak areagotu dira, lurra zatikatu egiten da, nekazaritza eta abeltzaintza egotzi... Deforestazioa da beste ondorio bat, bideak egiten dituzte eta sorgailuen inguruak soildu egiten dituzte plataformak eta garabiak ezartzeko, animalia asko hiltzen dira... Ekologian galera handia dakarte. Oxfam-ek egindako ikerketa baten arabera, inguruko biztanleen %46 pobrezia larrian bizi da. Bizi maila urratzen ari da, nekazaritza eta arrantza ekoizpenak gero eta urriago dira. Prostituzioa ere dezente igo da, proiektu handi hauetako langile gehienak urrundik datozen gizonezkoak direlako. Bitartean, argindarraren tarifak igo dira eta, paradoxikoki, ordaindu ezinik bizi dira eskualdeko familia asko. "Bitartean, argindarraren tarifak igo dira eta, paradoxikoki, ordaindu ezinik bizi dira eskualdeko familia asko". Zer egin dezakezue horren aurrean? Herri indigena moduan eskubidea dugu galdatuak izateko, aurretik informatuta eta libreki erabakitzeko. Mexikok sinatu dituen nazioarteko itunetan dago hori. Zergatik ez da egiten? Ez gaituztelako pertsonatzat hartzen. Horren erakusgarri da enpresa horiek ez dutela zergarik ordaintzen. Argindarraren garestitzearen aurkako eta lurraren defentsarako mugimendua sortu da gurean, baina guk bakarrik ez dugu txikizioa gelditzerik izango. David gara Goliaten aurka, baina ez dakite habaila hura sareak direla gaur egun, jende gehiagorekin harremanetan egon ez bagina aspaldi hilko gintuzten. Nola dago indigenen mugimendua Mexikon egun? Duela ia 25 urte eztanda handia egon zen EZLNren inguruan baina egun informazio gutxiago heltzen zaigu. EZLN baino gehiago da Mexikoko mugimendu indigena. Hura aldarria izan zen, mugarria, herrialdeko mugimendu indigenak ikustarazteko. Hasi ginen elkar ezagutzen eta gure burua aitortzen. Orain eskuartean duguna Indigenen Gobernu Kontseilua da, eta bestelako sektore zanpatuekin inoiz baino elkartuago gaude. Badira nazioarteko kapitalaren goseagatik jazarritako lurralde eta giza talde ugari, argitu gabeko sarraskiak... Hor dago María de Jesús Patricio Marichuy presidentetzarako hautagai indigenak lau hilabetez egin duen ibilbidea. Bertan aukera izan dugu gure mugimendua indartzeko, adostasunak bilatzeko, ezberdintasunak gainditzeko. Ez da egongo etorkizunik Mexikon horrela egiten ez badugu.
news
argia-79911ee4f112
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/neoliberalismoak-euskarari-i.html
Neoliberalismoak euskarari (I)
Zigor Etxeburua Urbizu
2018-05-13 00:00:00
Neoliberalismoak euskarari (I) Gure herriaren kultur-asimilazio eta –ordezkatze prozesu luzea testuinguru kapitalista batean gertatzen ari da. Merkatu-ekonomiaren ezaugarriek eta irizpideek ere azaltzen dute euskarak jasandako gutxitzea, eta eragiten diote bere garapenari. Batetik, kontsumo-gizartearen logika honek ez duelako euskararen alde (aski) egin, oraingoz behintzat. Merkatuak kulturaren uniformizazioa bultzatzen du, errazago saltzeko, gainbalioa eta aberastasunak biderkatzeko. Lukurreriak hizkuntza nagusiak ederresten ditu, eta euskara gutxiesten du, nagusikeria hori naturalizatuz. Etnozidio kulturala errentagarria zaio. Gainera, euskaldunok ere hezurretaraino sartuak ditugu kontsumismoaren hedonismoa eta nartzisismoa. Handiak erakartzen gaitu, eta produktu arrotzen miresle eta neurririk gabeko kontsumitzaile bilakatuta gaude. Liberalismoak merkatuen desarautzea bultzatzen du, eta logika beretik, euskararen aldeko arautzea saihesten du. Areago, dugun arautzea simulatua dela esan daiteke Bestetik, desarrollismo suntsitzaileak lurraldea lego erraldoi bat bilakatu du, pertsonei ezikusiarena eginez, paisaiak zementuz berdinduz, eta kultura eraitsiz. Aberasteko grina, etekina azkar metatzeko nahia, eta handikeria ditu ezaugarri. Pertsonak objektutzat ditu. Areago, ez die subjektu izaten uzten, boterea baitu oinarri, baita jarreretan ere (nagusikeria), eta mendekotasunak eragiten ditu, taktikoki eta zeharka. Euskaldunak enbarazu gara kapitalarentzat, kostutzat hartzen baitu gure eskubideak bermatzea eta gure kultura duintzen laguntzea. Gainera, eskulan merketzat dituen migratzaileei ez die aitortzen kultura baten jabe izatea, eta ez die euskal kulturara sarbidea errazten. Azkenik, gogoratu behar da liberalismoak merkatuen desarautzea bultzatzen duela, eta logika beretik, euskararen aldeko arautzea saihesten duela. Areago, dugun arautzea simulatua dela esan daiteke, ez baita ezartzen, sarri (kontratu publikoetan, kontsumo gaietan…). Gainera, liberalizazioa muturrera eramanez, zerbitzu ugari pribatizatu ditu administrazioak, eta horien euskalduntzea saihestu du, urte luzez. Bide beretik, kudeatzaileek eskatzen diete euskal sortzaileei negarrari utzi eta efizientziaren eta lehiakortasunaren parametroetan jardutea, egoera parekidea balitz bezala. Era berean, euskararen erabileraren normalizazioa uzten dute prozesu naturalaren eta norbanakoon arteko kudeaketaren gain, erakundeen egitekoei iskin eginez, eta hizkuntzaren izaera kolektiboa alboratuz. Aipatu aldagai horien eragileak sistemaren zutoinak dira. Berriki, Allarteanek bere blogean EAEko Alderdi Popularra seinalatu du, hizkuntza-liberalismoaren eredu gisa. Bada, nik beste batzuk ere sartuko nituzke ikuspegi horretan. Zerrendatuko ditugu?
news
argia-2e2d5a70e570
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/gurean.html
Dokumentalen indarra, animalien egoera salatzeko
Gaizka Izagirre
2018-05-13 00:00:00
Dokumentalen indarra, animalien egoera salatzeko Asko dira azken urteetan munduko animalien egoera latza salatu nahi izan duten dokumentalak: Earthlings, Cowspiracy, The Cove, BlackFish, Meet Your Meat, The Elephant in the Living Room... Denak ere intentzio batekin sortuak: ikus-entzunezkoen bidez ikusleari erakustea, jateko, janzteko dibertitzeko edo esperimentatzeko esplotatuak izaten diren bizidunen bizitza tamalgarri eta penagarria. Lan horiek guztiek nazioarteko animalia askoren egoera salatzen dute; baina gurean ere bada lan bat animaliek tratu txarrak jasaten dituztela islatzen duena: Askekintzak ezkutuan grabatutako irudiak erabiliz osatu duen Gurean dokumentala. Dokumentalak hogeita hamar herritan eta esplotazio ugaritan zehar garraiatzen gaitu, animaliek festetan pairatzen duten zapalkuntza agerian uzten. Euskal Herriko festetan egiten den animalien erabileraren inguruko eztabaidari heltzeko garaia zen eta lan honi esker badirudi hala izango dela. Hori da Askekintzak lau urtetan landu duen dokumentalaren helburua; gure barrua nahastu eta kontzientzia piztea. Gaia jorratzen duen lehenengo dokumentala da, urteetako ikerketaren emaitza. Euskal Herriko festetan urtero ehunka animalia gatibatzen, esplotatzen eta erabiltzen dira. Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, asto lasterketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak eta abar. Adibideak amaiezinak dira, baina ezaugarri bat dute amankomunean: erabat bidegabeak direla. Interesgarria da dokumental formatua erabiltzea animaliek jasaten duten tratua salatzeko: formatuak indar handiagoa ematen dio Oso zaila egiten zait era honetako lanak ikuspegi zinematografiko-tekniko hutsetik aztertzea, helburua hain argia eta garrantzitsua izanda, intentzioarekin soilik geratzeko joera izaten dudalako. Kasu honetan hala egingo dudan arren, horrek ez du esan nahi teknikoki eskasa denik, alderantziz. Ezkutuko irudiak izan arren, irudi zainduak, txukunak eta jarraikortasun aldetik oso landuak direlako. Linas Kortaren argazki-zuzendaritza lan aparta iruditu zait zentzu horretan. Minutu guztietan garraiatzen gaituen off-ahotsak ere izugarri laguntzen du eta irauten dituen 40 minutuak ezin hobeto aprobetxatuak daude. Baina alor hain zehatzetan murgildu gabe, dokumental formatuak eskaintzen dituen dohainak aipatu nahi nituzke. Gaur egun Internet eta sare sozialen indarra paregabea da, bidegabekeria ugari salatzeko tresna boteretsua bilakatu daitekeelako. Baina salaketa gehienak ostrazismoan galtzen direla iruditzen zait. Bertxiotu edo zabaltzen ditugu, bai; irauten dituzten segundo horiek garuna eta bihotza nahasten dizkigute, baita ere; baina hurrengo egunak berdina izaten jarraitzen du: beste irudi batzuk; eta hurrengoan beste batzuk. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua eta interesgarria dokumental formatua erabiltzea, kasu honetan animalien egoera salatzeko. Ikus-entzunezko hauek duten indarra eraginkorragoa iruditzen zait. Euskal Herriko zinema areto txiki eta kultur-etxeetan jende ugari ari da pilatzen adibidez, Askekintzak grabaturiko irudi hauek ikusteko. Ezagutzen ditugu bai, askotan Festak gure gizartearen ispilu dira eta haietan beste hainbat aldarrikapen ere egin behar diren arren, ezin ukatu animalien zapalkuntzaren aurkakoak duen lekua entzun ditugun adibideak dira, bai. Baina begiekin ikusten ditugunean, isilik eta pantaila handi batean, izaki hauen sufrimendua begietatik barrena sartzen zaigun une jakin horretan, ez al zaizue iruditzen sekulako indarra hartzen duela eta hartzaileari hobeto iristen zaiola? Niri behintzat bai. Lehen aipaturiko Earthlings dokumentalaren adibidea izan liteke adierazgarriena. Gehiegikeria irudituko zaizue, baina 2005. urtean Shaun Monson-ek zuzendu zuen lan honek, milaka pertsonaren ikuspegia aldatzea lortu zuen. Joaquin Phoenix narratzaile zela, bertan ikusten diren irudiek halako eztanda sortu zuten, jende askoren begiak behin betiko irekiz. Gurean lanaren azken minutuetan, ikusi ditugun irudi latz horien errepaso txiki bat eginez eta Apalatxaren Lotura pozoitsua abestiak irudiak bustitzen dituen bitartean, azken hausnarketa garrantzitsu horretan murgiltzen du ikuslea. Ikusi duguna ez dadila hor geratu. Festak gure gizartearen ispilu dira, eta festetan jada aurre egin beharreko arazo ugari baditugu ere, ezin ukatu animalien zapalkuntza bukatzea aldarrikapen horiei batu behar diegula. Gure herriak aurrerapauso ugari eman ditu historian, harrotasunez, gizarte justuago bat sortzearen alde. Orain garaia iritsi zaigu festetako animalien erabilera zalantzan jartzeko.
news
argia-cc64edd7485e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/bi-andreok-hamar-zentral-nuklear-gelditu-dizkiete-zuma-eta-putini.html
Bi andreok hamar zentral nuklear gelditu dizkiete Zuma eta Putini
Pello Zubiria Kamino
2018-05-13 00:00:00
Bi andreok hamar zentral nuklear gelditu dizkiete Zuma eta Putini Makoma Lekalakala eta Liz McDaid ohoretu dituzte Goldman Ingurumen Sariz hamar zentral nuklear gelditu arteko kanpaina eraman dutelako. Hegoafrikako Gobernuak Errusiako konpainia atomiko publikoarekin elkarlanean eraiki nahi zituen. "Herritarrek lortu dezakete agintariek herria ez uztea salgai preziorik onena eskaintzen duenaren eskuetan", azaldu dute pozik mugimendu sozialetan urte luzeak daramatzaten bi ekintzaileek. Goldman Environment Price sariak irabazleari ez dio lasaitasuna segurtatzen ingurumena birrintzearen kontura aberasten direnen sikarioen atzaparretatik: Peruko oihanak defenditzen zituen Maxima Acuña hil zuten 2016an, urte berean ere Berta Cáceres Hondurasen urtegi baten promotoreei aurre egitera ausartu zena, 2017an Mexikoko Chihuahuan basoa eraisten ari zirenen kontra borrokatua...  Goldman saria ez da bizi asegurua, bai justiziaren alde egindako lanaren aitortza garrantzitsua. Apirilaren 23an San Frantziskon (AEB) burututako ospakizunean eman zituzten 2018koak eta sei sarietatik bat Hegoafrikako bi emakumek jaso dute: beren herrialdea hamar zentral nuklear berriz hornitzeko planak geldiarazteagatik omendu ditu Goldman Fundazioak Makoma Lekalakala eta Liz McDaid . 2014an, presidentea Jacob Zuma zela,  Errusiarekin Hegoafrikako Gobernuak itun sekretu bat sinatu zuen hamar zentral nuklear berri –gaur egun bat dauka martxan, Eskom enpresa publikoak kudeatua– eraikitzeko. 64.000 milioi euroko tratua harrigarria zen, bai sinatzaileei eta bai kopuruei zegokienez. Tratua ondo itxita zegoela zirudien arren, bi andrazkorekin egin zuten topo agintari indartsuek. "Etxean argindarrik ez daukaten emakumeekin egiten dut lan, argindarra pagatzeko adina ez daukatenekin. Horien beharrak asetzeko moduko erantzuna ez da herritarren zergetatik biloi bat rand [Hegoafrikako moneta] kostako den zentral nuklear sail bat". Horrela mintzo da Makoma Lekalakala, 52 urte, Earthlife Africa ingurumen elkarteko zuzendaria. Errusiako ingurumen elkarteen bitartez jakin zuen Putinek eta Zumak eskuartean zekarten itunaren berri: "Plan horrek gure herria kiebrara eramango zuenez, guri zegokigun agintearen gehiegikeriei aurre egitea". Lekalakalaren elkarteak erabaki zuen gaia kalera ateratzea. Oinarrizko eskubideak kalera eramaten trebatuta daude Hegoafrikako militante asko, zerbaiterako balio izan die apartheid -aren kontrako borroka gogorrak. Eten gabeko salaketa kanpainari ekin zioten Earthlife Afrika koek, parlamentuaren eta ministerioen atarietan protestak antolatuz. Baina lagun indartsuagoak beharko zituzten goi mailako aginteei aurre egiteko. Lekalakalak, Johannesburgoko lider beltza bera, Lurmutur hirian aurkitu zuen bazkidea: Liz McDaid SAFCEI Justizia Ekologikorako Programa ren arduradun zuria, borrokazko curriculum aberatseko emakumea hau ere. Bi andre  hortzak erakusten gizonen establishmentari, antzeko balio eta jokabideak dauzkaten emakume bi, ondo  konpondu zirenak hasieratik . "Asteazkenero Hegoafrikako Gobernua biltzen denez parlamentuan, presidentea eta ministroak harantz doazenerako gu han biltzea erabaki genuen, agintariei egia esateko. Eta hala egin genuen 2014ko tratua sinatu zutenetik". Bi urte baino gehiagoz, asteazken guztiz goizean goiz jaikita ministroei ongi etorria egiten zieten, haien auto beltz distiratsuak hurbiltzen zirenean bandera antinuklearrak erakutsiz. Inoiz egokitu zitzaion McDaidi bakarrik egotea euripean. Beste askotan dozena batzuk egoten ziren protestan. Elkarretaratzeak egin zituzten Eskom energia konpainia publikoaren atarian, beste hainbat protesta, manifestazio eta sinadura bilketa ere antolatu zuten.     Eta halako batean, tximistak jo zuen Pretoriako gobernua. Earthlife Africak lortu zuen Hego Afrikaren eta Errusiaren arteko kontratuaren paperaren kopia bat. Laster Mail & Guardian egunkariak argitaratu zuen osorik eta herritar askori ireki zitzaizkion begiak. Putin ere aditua da negoziotan Pretoriako gobernuak erakutsi nahi ez zuen papera, antza, Moskuko Atzerri ministerioak nazioarteko itunen zerrendan argitaratuta zeukan bere webgunean. Haren berri Johanesburgeko Earthlife Africa elkarteari Ecodefense mugimenduko Vladimir Slivyak ek jakinarazi zion. 2014ko irailean Jacob Zumak osasun kontu batengatik Moskura bisita egina zuen. Bide batez han Vladimir Putinekin elkarrizketatu eta handik aste pare batera Hegoafrikako Energia ministro Tina Joemat-Petterssonek eta Rosatom konpainia publikoko buru Sergey Kirienko jeneralak sinatu zuten kontratua.  Herritar asko bost hilabete geroago  Mail & Guardian en leitu zutenean zur eta lur geratu ziren. Hegoafrikarrak urte luzetarako Errusiari eskuak lotuta geratzen baitziren Kontratuak ezartzen zuen, de facto , Hegoafrikako zentral nuklearren inguruko afera guztietan Rosatom konpainia errusiarrak beto eskubidea edukiko zuela, gutxienez 20 urterako. Aldiz, batean edozein istripu gertatuz gero, Errusiari ezingo zitzaion inolako kalte-ordainik eskatu. Hitzez hitz: "Hegoafrika izango da herrialdean bezala atzerrian [zentral nuklearrek] eragindako edozein kalteren erantzule bakarra". Rosatomek jasoko zuen tratu berezia  zerga eta bestelako finantziazio gaietan. Bestalde, Hegoafrikak inoiz nahiko balu zentralotan garatutako teknologiaren bat esportatzea, Errusiaren baimena beharko luke edozertarako. Hori gutxi balitz, papera filtratu zenean Hegoafrikako agintariek berretsi zuten Errusiaren konkurrentzia diren Txina eta Frantziarekin ere Hegoafrikako agintariek hitzarmenak sinatuak zituztela, gobernuak ezkutuan atxikitzen zituenak. Makoma Lekalakala eta Liz McDaid, beren mugimenduetako jendeak esan nahi baita, bi urtez herrialde osoa hitzaldi eta mobilizazioz astintzen saiatu ziren. Arazo ezberdinen inguruan mugitzen diren talde hegoafrikar askoren koalizioa jostea lortu zuten: emakume taldeak, gazteenak, ustelkeriaren aurkakoak, sindikatuak, fededun taldeak, enpresak... Baina –gutxitan suertatzen den mirakulua– epaitegietatik azaldu zitzaien eguzkia: 2007an Hegoafrikako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Zumak eta Putinek sustatutako kontratua, konstituzioaren aurka zihoalako eta horrelako erabaki handi bat parlamentuak eztabaidatu behar zuelako. Goldman Fundazioaren saria jasotzerakoan Makoma Lekalakala eta Liz McDaidek beren gobernuari eskatu zioten amets nuklearrak bazter ditzan. Aitortu zuten beldur direla Hegoafrikak finantziazio iturri berriak lortuz gero agintariek berpiztuko ote dituzten zentral atomikoen planak. Kezkatzeko arrazoirik ez zaie falta. Industria militar-nuklearrak ez du deskantsurik, ez Eki eta ez Mendebaldean. Errusiak egunotan itsasoratu du lehenbiziko zentral nuklear mugikorra , Artiko bazterreko Pevek hiriari indarra emateko. Txernobyl eta Fukushimatik zerbait ikasi duten bakarrak militanteak dira, nonbait.
news
argia-a7bcc7678a7f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/arnega.html
Arnega
Itxaro Borda
2018-05-13 00:00:00
Arnega ETAk bere ekitaldia ( sauterie politique? ) egiteko Kanboko Arnaga gaztelu polita hautatu du, prestigioa eta bere biktima bakar bati onartu ez dion sozietate zibilaren babesa bilatuz. Joan dira, pistolak bi kaxetan frantses poliziari utzirik, lau hamarkadaz beraien erruz deus gertatu ez bailitzan eta soilik biktimen laurdenari barkamendu eskaturik: mikatza ezta? Zergatik ez dituzte urrats horiek Euskadiko lurraldean eraman? Edo Espainiakoan? Frantzian al zuen ETAk nagusiki partida? Borroka armatuarekiko lotura intimoa ez dutelako erabat arnegatu dukete aukeratu Arnaga izeneko egoitza beren azken dantza eskaintzeko. Gusturik hoberenean. Euskaldungoaren zati bat alde dute beti eta eragin dituzten sarraskien irudi odoltsuak begi argiz ikusteko ez dira oraino prest, gatazkan parte-hartze zuzenik ez zutenen mina, baita parte-hartze zuzena izan bide zuten guardia zibil, polizia, armadako graduatu, kazetari, politikoena ere… den-denak gure zauriaren oinarrian. Abertzale mundutik at ETAren desegitea indiferentziarik handienean pasatu da. Beranduegi jin delako. Historia latz horretatik ezer ez da geratuko, memoriak dolorea baizik ez duela atxikiko, bereziki "etsai" deitzen zituzten haiena.
news
argia-d1aaa117b832
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/txema-montero.html
Txema Montero: "ETA eredu negatibo bat izan da euskal herritarrentzat"
Mikel Asurmendi
2018-05-13 00:00:00
Txema Montero: "ETA eredu negatibo bat izan da euskal herritarrentzat" Txema Montero (Bilbo, 1954).HBko europarlamentari ohia, ETAko presoen abokatu lanetan aritutakoa, HBtik kanporatua, Sabino Arana Fundazioko kide urte luzez eta analista zorrotza, besteak beste. ARGIAk bidalitako bost galdera hauei erantzun die idatziz. ETA desagertu da jada. Zer izan da ETA? Eredu negatibo bat euskal herritarrentzat. Bortxaren erabilerak, hasieran selektiboa eta estentsiboa ondoren, akats ikaragarri batera eraman zituen etakideak: helburu politikoak eta bitarteko militarrak parekatzera, independentzia eta borroka armatua bereizi ezin bihurtu zituen ETAk. Tamainako itsuskeria hori haren harrokeria armatuaren ondorioa izan da. Haren nagusitasun taxu horrek mespretxuzko aire bat azaldu du: eurak bakarrik, denetarako prest, patuak ukituta, goi-lekune batean paratuta, harmailaren goialdeak ematen duen ikuspegiaren jabe eginak. Haatik, euskaldunek euren proiektu eta metodo bortitzarekin bat egin zezaten zuen gaitasun ezak –biak batera onartezinak gure gizartearen gehiengoarentzat– ETA bere lekuan jarri zuen: behetik gora begira, ezin izan zuten gorago igo harmailetan, bidea tiroka irekitzen saiatu arren.    Ezker abertzaleak autokritika egin beharra areago aipatuko da hemendik aurrera. Zer esan beharko luke? ETAren amaierara arte ez dira gauza izan ohartzeko euskal gizarteak –gerraz nekatuta– erabakia zuela –modu barkaberaz– bide politikoaren alde egitea, ez zuela hiltzearekin bat gehiago egin nahi. Hauxe onartu beharko dute: gizakia ezin dela behartu ideologia batekin bat egitera, ezin gauzatuko profezietatik eta bidezidor antidemokratikoetatik aldendu behar dela, dena esplikatzen duten teoriagileez mesfidatzea komeni dela. Aldiz, munduari begirada umila eta zuhurraz begiratzen diotenak aintzat hartu behar direla. Zer behar da orain, euskal presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen? Auzitegietara jo behar da euren eskubideen arau-hausteak erreklamatzeko. Espetxetako eskumenen transferentzia lortu behar da, EAEko eta Nafarroako Justizia Auzitegietako espetxe zaintzako juzkatuak eskumenekoak izan daitezen, eta terrorismoz zigortutako presoen epai betearazleak bermatzeko, iraganean izan zen bezala. Instituzioen, alderdien eta iritzi publikoaren aurrean ekin behar da, presoak euren familien etxeetatik hurbilen dauden espetxetara ekartzeko. Presoei ezarritako zigorren desberdintasuna behin eta berriz gogoratu behar dugu. Nola ikusi duzu bake prozesua 2011tik gaur arte? Abiapuntura eraman gaituen bide luze eta bihurria: ETAren alde bakarreko erabakia berez, beretzat eta beren-beregi egin zen. Pentsatu nuen, ETAk aitortutako borroka armatuaren amaiera erakundearen beraren amaiera zela, kito. Bakea ETAren absentzia zela, ETA ez egotea, adjektibo gehiagorik gabe, hau da, bukaerako azken eszenifikazioa ez zela intereseko kontua.    Zure iritziz, zein dira prozesuan aurreratzeko eta berau amaitzeko eman beharreko hurrengo urratsak? Nola jokatu beharko lukete prozesuko eragile nagusiek, hau da, Ezker abertzaleak, Estatuak eta EAJk? ETAri egozten zaizkion hainbat hilketa eta desagerpen erakundeak berak argitzen ez dituen bitartean, nik ez dut prozesua amaitutzat jotzen. Izan ere, horiek argitu ezean biktimen senideek ez dute beren dolua bukatuko sekula. Gauza bera Estatuari dagokionez: ez du GAL aitortu, haren ardura eta zeregina berea delarik, hainbat pertsona desagertuen ardura berea izanda. Gainerakoan, zuk deitzen dituzun eragile nagusiei politika egin dezaten eskatzen diet begi-bistako egia bat kontuan hartzeko: etorkizuneko irizpideek gure belaunaldia ere epaituko dute egunen batean.
news
argia-09214b4bc046
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/arkaitz-rodriguez-sortuko-idazkari-nagusia.html
"ETAk zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari"
Xabier Letona
2018-05-13 00:00:00
"ETAk zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari" Sortuko idazkari nagusia da (Donostia, 1979). Kanboko ekitaldiaren biharamunean elkarrizketatu dugu, Donostiako Haizearen Orrazian Ezker Abertzaleko zuzendaritzako dozenaka kide ohik ETAren amaierari sostengua agertu ondoren. Sortuk du orain Ezker Abertzalearen gidaritzaren ardura nagusia. Zer irudikatu nahi izan da Kanboko ekitaldiarekin? ETAren azken erabakiari nazioarteko babesa ematea. Han izandako nazioarteko eragile guztiek txalotu zuten ETAren ausardia eta eskerrak eman zizkioten Aieten hartutako konpromisoak bete dituelako, Espainiako Gobernuak ez bezala. Halaber, Kanboko ekitaldiak mahaigaineratu du ETA desagertuta ere izan badela gatazka politiko bat zeinari aterabide justu, demokratiko eta oso bat eman behar zaion. Eta egun bat lehenago Genevan egindako ekitaldiarekin zer lortu nahi zen? Henri Dunant fundazioak antolatu zuen, eta bertan nazioarteko hainbat begiralek egiaztatu zuten ETAren azken agiria egiazkoa zela. Dena ez omen zen atera pentsatu bezala. Aurreko egunetan ETAk hainbat eragile eta norbanakori gutuna helarazi zien azken erabakiaren berri emanaz, eta bakarren batek filtratu egin zuen. Hori publikoa da. Horrez gain, Genevan beste ekitaldi mota bat egin nahi omen zen, baina Espainiaren presioen ondorioz ezin izan zen egin. Ez. Espainia saiatu zen ekitaldi hori egin ez zedin, baina Suitzak ez zuen onartu halakorik. Nazioarteko komunitatearen aurrean agiria egiaztatzea bazen kontua, ez ote zen komeni Genevan ahalik eta hedabide gehien izatea, Europan eta ahal den leku guztietan albistea ahalik eta gehien zabaltzeko? Espainiaren presioa saihestea zen asmoa. Zenbat eta jende gehiago egon ekitaldi horren jakinaren gainean, orduan eta aukera gehiago Espainiak ekitaldi horren berri izan eta egin ez zedin presio egiteko. Negoziazioz lortu beharreko helburu bakarra eskuratu gabe desagertu da ETA. Amaiera latza edo duina da? Duina da. ETAk bere borondatez eta zutik eman dio amaiera 60 urteko ibilbideari. ETAk berak onartu du helburu horiek ez dituela lortu, baina balantza horretan beste osagai positibo asko ere jartzen ditu eta horiek ere kontuan hartu behar dira. Argazkia: Dani Blanco Aljer, Lizarra-Garazi, Loiola… ez al da oso berandu etorri amaiera? ETAk esaten du berak ere nahiago zukeela hau lehenago amaitzea. Esaten du historian zehar sarri luzatu izan diola eskua Espainiako Estatuari irtenbidea elkarrizketatua eta negoziatua izan zedin. Estatuak, aldiz, ez dio halakorik onartu nahi izan, eta orain ere ez. Horrek luzatu du behar baino gehiago konfrontazio armatuaren zikloa. ETAk eta Ezker Abertzaleak bide baketsuen aldeko apustua egin dute, Estatuak gaur gaurkoz biolentzia politikoa erabiltzen jarraitzen du. Presoen arazoa hain garrantzitsua izanik, nola ulertu liteke 2011tik gaurdaino behar izatea ETA desagertzeko? Ez al zen logikoagoa askoz lehenago izatea? Bai, baina estatu bien jarrera saboteatzailearen ondorioz luzatu da hainbeste. Zorionez, Frantziako Estatua hasi da urrats batzuk ematen, baina Espainiakoak jarrera itxian jarraitzen du. Ezker Abertzaleari zera esatea eskatzen zaio orain: "ETAk egindako guztia injustua izan zen eta gaizki egina egon zen, ez zen inoiz gertatu behar". Zer diozu? Eskaera hori ez dela inolaz ere justua, bidezkoa eta arrazoizkoa. Halako exijentziek konponbidea oztopatzen dute eta errelato jakin bat inposatu nahi dute: onen eta gaiztoen errelatoa, justuena eta injustuena. Egiari zor diogun begirunetik, ezin dugu halakorik onartu, baina gainera, ezin da elkarbizitzarik eraiki kontaera horren gainean. Eta eskatzen zaion autokritika horretan noraino iristeko prest dago Ezker Abertzalea? Orain arte Ezker Abertzalea izan da autokritika egin duen bakarra. Espainiako Gobernuak eta EAEko gobernu autonomikoak ez dute inongo autokritikarik egin. Ez dugu entzun PP torturarekiko duen erantzukizuna onartzen; ezta PSOE GALen sorreran duena onartzen ere; eta Ertzaintzari egozten zaizkion 300dik gora torturatuengatik berea onartzen ere ez EAJ. Edo dispertsioan duten ardura… Bada ordua beren erantzukizuna ere onar dezaten. Amaierara berandu iritsi izanaren errua bakarrik Estatuaren aldean jarri duzu. Ezker Abertzaleak ez du erantzukizunik horretan? Badu bai eta aipatu izan dugu. Ezker Abertzaleak lehenago ohartu behar zuen Estatuak ez zuela gatazka honi irtenbide politiko eta demokratikoa emateko inolako borondaterik. Lehenago ohartu behar genuen halako estrategia batekin ez genuela Estatua konponbidera eramango eta bestelako estrategia bat bilatu behar genuela, gero egin dugun bezala. Eta berandu iritsi izanaren ondorioz, Ezker Abertzalea ahul iritsi zen bake prozesura. Edo ez? Nik uste dut indarrez iritsi zela, eta horren erakusgarri izan zen 2011n ezkerreko soberanismoak erdietsi zuen indarra. Orduan independentismoak lortu zuen herri honetan inoiz izandako ordezkaritza instituzionalik handiena. Bestalde, Ezker Abertzalearen estrategia aldaketaz geroztik azken hamarkadetako mobilizaziorik handienak egin dira. Ni ari naiz batez ere bake prozesu batean lortu beharreko helburuei begira. Bai, baina hau dagoeneko ez da bake prozesu klasiko bat, mahaiaren beste aldean ez dagoelako mintzakiderik. Aldebakarreko logikan gaude eta gure indarra dagoeneko ez da neurtuko ETAk edota Ezker Abertzaleak izan zezakeen indarrean; neurtuko da aliantzak eta gehiengoak artikulatzeko dagoen indarraren arabera. Ipar Euskal Herrian gertatu dena oso erakusgarria da alde horretatik. Bai, baina Ipar Euskal Herrikoek lortzen dute Kanbon beren ordezkaritza instituzional ia osoa bertan egotea eta Hegoaldetik ez da ez gobernurik, ez diputaziorik ez udal ordezkaritzarik. Egia da, baina Hegoaldeko gehiengo politiko eta sindikala han zegoen. Urkullu ez zen egon, eta Barkos ere ez, baina EAJ bai. Eta nola interpretatzen duzu arratsaldean bi lehendakariek egindako agerraldia? Kontraprogramazioa egin zuten eta hori tamalgarria iruditzen zaigu. Ez ziren egon une historiko honek eskatzen zuen mailan. Hala ere, guk nahiago dugu egin zuten adierazpenaren alde positiboarekin geratu, eta alde horretatik onartu egin zuten ETAk emandako urratsaren garrantzia. ETAren bukaera honek zer zapore utzi dizu: gozoa, gazi-gozoa edo mikatza? [Asko pentsatu du erantzuna] Gozoa. Ezker Abertzaleak ez du lortu Estatua behartzea gatazka politikoari aterabide demokratiko bat ematera. Baina bai burujabetza jomuga izango duen herri prozesu baterako nahiko baldintza ereitea. ETAk oinatz sakona utzi du herri honen historian. Argazkia: Dani Blanco
news
argia-f74a230b0fe2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/ikasleek-entzunarazi-dute-seaskaren-kexua.html
Ikasleek entzunarazi dute Seaskaren kexua
Jenofa Berhokoirigoin
2018-05-07 00:00:00
Ikasleek entzunarazi dute Seaskaren kexua Orotara 7.000 lagun bildu dira Baionan, Seaskaren alde. Hauetan, 3.000 ikaslez gora, manifestazioaren buruan, danborrada burutuz. Heldu den urterako Frantziako Hezkuntza Ministerioak Seaskari bideratu nahi ez dituen 25 irakasle postuak lortzeko lehen mobilizazioa izan dute hau. Ikasleek dute hezkuntza eskuratzen, eta ikasle horiek berek dute pairatzen hezkuntza txarra. Hori horrela, ikastoletan dabiltzan ikasleak atera dira karrikara, behar dituzten irakasle postuak aldarrikatzera. Ipar Euskal Herrian barna diren ikastoletako 3.000 umez gora batu dira Baionako karriketan. Etxean eraikiriko danborra esku artean, klasean edota etxean behin eta berriz errepikatuz ikasiriko kantua abestuz, guraso zein irakasleak lagun, haurrak izan dira manifestazioaren buru. Kantuz eta dantzan, deusetaz beldur, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko baliatu dute unea lizeokoek; gisa berean, kolegioetakoek, brebetarentzat. Ondotik dituzte helduak, sostenguz mobilizazioari juntaturik, aspaldian egin izan ez duten manifestazio zaratatsu baten parte. Orotara, 7.000 lagun elkartu dira Seaskaren aldarrikapena entzunarazteko. Danborradaren doinuari hitzak gehitu dituzte: "Deiadar bat bada Baionan, kasu kasu ikastola kexu; entzun gaitzakezu, hemen gira kexu, irakasle eskasa Seaskan!".     #kasuikastolakexu @argia pic.twitter.com/FxXhSC9Pot — Jenofa_B (@Jenofa_B) 2018(e)ko maiatzaren 4(a)   Mobilizaturik segitzeko prest Postura eta determinazio argia du Seaskak: "Jakin dezatela 40 ala 50 ikasleko gelak ez ditugula onartuko". Manifestazio bukaeran, Mirentxu Ibargarai irakasleak Frantziako Hezkuntza Ministerioari luzatu abisua argia izan da. Heldu den urtean 240 ikasle berri gehiago ukanen dituztela, 25 irakasle postu gehiago behar ditu Seaskak. Hezkuntza Ministerioaren ordezkari den  Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako ikuskariak jakinarazi duenez, ez die bat ere ez bideratuko. Joera hori salatzeko antolatu du danborrada. Aldarria entzunarazteko, mobilizazioa zaratatsua izatea nahi zuten. Horrelakoa izan da. Seaskaren beharrei elkor segituz gero, mobilizazioekin segituko dutela abisatu dute Ibargarai zein Paxkal Indo Seaskako presidenteak: "gure hezkuntza sistema defendituko dugu". Goizean Kanbon, bake prozesuaren aldeko konferentzian egondako Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere egon da oholtza gainean: "Etorkizunari begira aritu gara han. Zuek zarete etorkizuna. Baina guri dagokigu zuen oraina segurtatzea". Umeak zorionduz eta irakasle, guraso zein ikastoletako langileak eskertuz, bukatu dute mobilizazioa. Guztiak pozik, une azkar bat bizitu izanaz jabeturik eta dirudienez, mobilizaturik segitzeko indar gehiagorekin.     Haurrek entzunarazi dute @seaskaikastola ren eskakizuna: irakasleak behar ditugu. @argia pic.twitter.com/jxLbI2USJA — Jenofa_B (@Jenofa_B) 2018(e)ko maiatzaren 4(a)
news
argia-278ca0a61e18
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/sarkofago-edo-haragijale.html
Sarkofago edo haragijale
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-05-13 00:00:00
Sarkofago edo haragijale Sarkofago hitzak erro grekoak ditu: sarkós haragia da antzinako grezieraz, phagein, aldiz, jatea, eta -o atzizkiak egilea edo akzioa burutzen duena esan nahi du. Beraz, sarkofago hitzak haragijale esan nahi du eta badu zentzua, kutxa horiek giza haragi hila "jaten" baitzuten. Eta ez soilik zentzu metaforikoan. Berez, hasieran erabiltzen zuten esamoldea líthos sarkophágos zen, hau da, "haragia jaten duen harria".  Lehen sarkofagoak kareharrizkoak ziren eta barruan sartutako giza haragia literalki deskonposatzen zuten, azido-base prozesu kimikoaren bidez; giza haragia azidoa da eta kareharria, berriz, alkalinoa.
news
argia-049c6bea4b4c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/aira-banindadi-ainara-bezala.html
Aira banindadi ainara bezala
Itxaro Borda
2018-05-13 00:00:00
Aira banindadi ainara bezala Lehen eguzki printzarekin udaberria datorrenean, Euskal Herriko zeruak txori txioez hantzen dira. Negu minean ere abesten dute ur zipo hormatuetan jauzika. Ehunka kantek euskaraz zoramen hori islatzen dute, zoramena eta aldi berean zorigaitza dena funtsean, txoriak anitzetan gure bizitzetan eskas sentitzen dugun libertatea irudikatzen duelako. Gaurko atala Josean Artzeren omenez bihoakigu… Herri izaera politikoa ukatzen zaien beste eskualde frankoren pareko iruditegi mentala daukagu Euskal Herrian. Txoriak dira dolore hori ekartzen duen sinbologiaren ardatzak Herri izaera politikoa ukatzen zaien eskualde frankoren pareko iruditegi mentala daukagu Euskal Herrian. Txoriak dira dolore hori ekartzen duen sinbologiaren ardatzak. Bistan dena minak kolektiboki eragiten duen bezainbat indibidualki ere jotzen du. Gure arbasoek libertate murritza zuten pertsona gisa: etxekoek eta auzoek larderia pean atxikitzen zituzten, apezek eta beranduago estatuen esku-makilek, bazen norbait zer, noiz, eta nola egin behar zuten azaltzeko eta hori, bizitzaren gunerik intimoenetatik haste. Erran gabe doa euskal jendarteak, edo gizarteak kasu honetan, biziki eskatzen diola herritarrari. Onartzen ez dugun arren, konpetentzia etengabean gabiltza, zeinek irabazi, ni banauk eta hi bahaiz, hoberena, handiena, perfektuena izatea lehiatuz. Ideia argiak baditugu munduaz eta askotan iritzi orokorraren kontrakoak, eta horrek biolentoak izatera bultzatzen gaitu noiz behinka. Eguneroko zereginetan, pentsamenduetan, zaurietan, hainbeste ohoratzen ditugun txoriak gara, ahulak eta askatasun gehienaz gozatuko dugula ametsetan. Sineste poetiko batek ere akuilatzen gaitu: ez ote zituen belatzak imitatuz moldatu aurreneko melodiak Zuberoako basa-ahaideen asmatzaileak? Atharratzeko Elsa Oliarj-Ines zinegilea eta Oihan bere anaia musikaria misterio hori zulatzen saiatzen dira Basahaideak dokumental berrian. Erraten da halaber txistuaren soinuak, Isturitzeko harpeko hezur zulatu hartatik haste, haizearen eta txoriaren xuxurlak gatibatzea zuela helburu. Gustatzen zaigu naturarekin uztartzen diren istorio ederrak ontzea. Askatasun pertsonala, zorigaitza, maitasuna, sexua... aipatzen dituzte txoriak protagonista diren kantek Ohidurazko kanta arrakastatsuez gain, txoriak aipatzen dituzten XX. mendeko abestiak ere ezpain eta zintzur guztien balakatzaile bilakatu dira: Josean Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria txori distiratsua, eta besteak beste, basa-ahaide batez bukatzen den Maddi Oihenarten ahotik isuririko Idek hura Peio Serbielle kartzelan zegoela zabaldu zuena. Ez dut ahantziko Ken Zazpi taldeak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin handioski plazaratu zuen Hegoak astindu hunkigarria. Presio soziala astuna denean zinez premiazkoa da txoriaren parpaila kuttun edukitzea bihotzaren barnean burn-out arriskutik urruntzearren!        Xoriñuak kaiolan     Tristerik du kantatzen     Duelarikan zer jan, zer edan     Kanpoa du desiratzen     Zeren, zeren     Libertatia zoiñen eder den.      Horrela hasten da askatasuna eta gatibu egotea parez pare ematen dituen euskal kantarik hunkigarriena. Amaia Zubiriak grabatu zuen Pascal Gaignen musikarekin. Galdera hunkigarria egiten zigun: zer dugu hobe bizitza fisikoa ziurtatu ala gosea pasatu libre egonez? Askotan, dudak ditugu eta txorien maneran biak nahian, frustratuak eta malerus gabiltza, kanpoan hezur eta luma dagoen txoriaren inbidia eraginez.     Hik, kanpoko xoria,     So egiok kaiolari     Ahala balin bahedi     Hartarik begira hadi     Zeren, zeren     Libertatia zoiñen eder den.      Askatasuna hemen pertsonala da, intimoa, are gozoagoa maite dugunaren aldamenean hedatzen denean. Sabelaren hutsa jasangarriagoa liteke alabaina amodioaren berotasun goraipatuarekin, baina hau gabe, kaiola edo libertatea onartu ezinak direla diosku bertsolariak:     Barda amets egin dut     Maitia ikusirik     Ikus eta ezin mintza     Eztea pena handia     eta ezin bestia?     Desiratzen nuke hiltzia.      Zorigaitzaren ikurra da txoria, abeslariak bere xedeak betetzea lortzen ez duenean. Hala agertzen digu Xorittoa nora hoa olerkiaren egileak ere, azken kopletan maitasunari sekulakoz adio diolarik. San Josef ermita Larraineko mendietan datza eta Espainiara pasatzear dago txori migratzailea:          San-Josefen ermita desertian gora da:     Espainialat joaitian han da ene pausada.     Gibelilat so egin eta hasperena ardüra.     Hasperena habil hoa maitearen bortala.     Habil eta erran izok nik igorten haidala!     Bihotzian sar hakio hura eni bezala.      Ez dakigu gizona ala emaztea duen xorittoak irudikatzen. Kantariak, dena delakoan, toka hitz egiten dio hegaztiari. Funtsean ez du halako axolarik ere, partitzen denak eragiten duen minaz kontzientzia duelako eta gelditzen dena maitasunari uko egitera behartua delako:          Amorio, amorio, nahi duenak har dio;     Harekilan bizi denak plazer güti har diro:     Nik aldiz erran diruat sekülakotz adio…      Happy end askorik ez da euskal abestietan.      Euskal kantutegian txorietan aipatuena agian erresiñola da. Ahots karkarez eskaini eresi zenbaiten bizkarrezurra osatzen du hogei gramo baino gutxiago dituen hegaztiak. Txiolari trebea baserri guneetan ausarki barreiatua delako bizidunen adiskidea eta hauen penen biltzailea bihurtua da:     Xori errexiñoleta ederki kantatzen     Bazter guziak ditu xoratzen     Bard'arratsian     Sasi batian     Biga baziren:     Eder ziren     Xarmant ziren,     Manera oroz     Eta elgarrez anitz agrados.      Bertso hauetako txoriak mutiko eta neskatxa (edo gizon eta emazte) ausartak dira, larrua jotzen dabiltzanak, munduaren begietatik urrun. Baina bada beti norbait zelatan: ehiztaria. Gorputzen pataskan ari diren arra eta emea aintzakotzat hartuz memoria kolektiboak ahanzten ez dituen koplak sortzen ditu berehala. Lekukoa ikustean, arrak burua altxatzen du eme biluzi eta izutuaren gerizatzeko. Umeaz gogoratzen dira:          Eta orduan berean, nontsu zen emia,     Sasi handian barna sartuia?     Hor apaindurik     Ta lumaturik     Bere papoa     Kukurusta     Harroturik     Jarri zenean     Umez oroitu zen ber'ohantzian!      Txori erresiñola gurasoek preso atxikitzen eta beraiek hautatu gizon batekin ezkontzera bortxatzen duten neska gaztea ere izan daiteke, hala nola Txori Erresiñola eresi hunkigarrian:          Txoria zaude ixilik ez egin kantürik,     Txoria zaude ixilik ez egin kantürik     Eztüzü probetxürik ni hola penatürik         Ez eta plazerik         Ni tunban sartürik…      Erresiñola gaixoaren moduan herio nahikunderaino desesperatzen doa xederan harrapatua geratu neskatxa. Nor den ez dakigun ahots batek sokak laxatzea eta Orhi bortuan zehar ihesi joatea proposatzen dio, salbamendua atzerrian bailitzan:          Xoria zaude ixilik ez egin nigarrik,     Zer profeitü dükezü hola aflijitürik?     Nik eramen zütüt xedera laxatürik,         Oriko bortütik         Ororen gañetik. Erdi Aro bukaerako Alos Dorreako beleak buru zokoan ditugu. Eta leihoetan dira oraindik kroa kroa kroa kroa. Ainara parrastak halaber. Nola ez? Papo gorriak berri emaile lanetan hurbildu zaizkigu Guk taldearen Herria zain 1985eko albumeko kantuan:          Papo gorri xuri xori polit batek     Goizean ekarri zautan berria     Goizean libratu zela herria!     …     Langileak nausi dirade jarri libertatian     Gure lana guri gure hazkurri     Bihotz ederrian…      Euskalduna ez da ibiltzen ahal ortzian biribilketa sakonean miresten diren arranoak begietsi gabe. Nafarroako ezkutuan agertzen den hegaztiari abesti franko eskaini zaizkio, gaizki finitzen den amodiozko istorio hau adibide:          Arranoak bortüetan gora dabiltza hegaletan:     Ni ere beste ordüz andereki kanberetan,     Orai aldiz ardüra nigarra dizüt begietan…          Bertsolariak, arranoaren metafora baliatu ondoan, emazte-gaiak abandonatzea bankarrot larritzat jotzen du. Jendea ez da zeruak urratzen dituen hegazkinaren ahaidea. Nehondik ez.     Hanbat düzü aflijitürik, libertatia galdürik,     Pena dolorez kargatürik, osagarriz gabetürik,     Oro berak kausatürik, amoriuak traditürik…      Zerrenda luza genezake. Gure garunetan txertatuak dira txorien itxurak. Alor horretan handiek eta txikiek gustu berdinak ditugu. Haurrentzat hor dago Xoxoaren kanta jostakina, hatsa hartu gabe abesten dena, umeen esku potoloak bata bestearen kontra klaskaraziz:          Xoxoak galdu du burua,     Mokoa, lepoa, begia…     Xoxoa…     Nola kanta, nola txirula,     Nola kanta xoxoak…      Miseria, beldur, tragedia guztien artetik, edozein adinetan, zoriontsu loak hartzeko bideak ziren abesti salmokatu hauek. Preziatuak eta biharamun sotilen berme-harri.
news