id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-226384935959
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/bikotekide-ohiak-hildako-emakumea-gogoan-elkarretaratzea-egin-dute-donibane-garazin.html
Bikotekide ohiak hildako emakumea gogoan, elkarretaratzea egin dute Donibane Garazin
Amaia Lekunberri
2018-05-04 00:00:00
Bikotekide ohiak hildako emakumea gogoan, elkarretaratzea egin dute Donibane Garazin Joan den apirilaren 28an bere bikotekide ohiak kotxearekin harrapatuta hildako emakumearen oroimenez elkarretaratzea egin zuten atzo Donibane Garazin, Herriko Etxearen aurrean. Hilketa eman zen larunbatean bertan elkarretaratzea egin zen Donibane Garazin, eta atzo berriz egin zuten salaketa publikoa "Bortizkeria sexistei ez!" lelopean. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, Hego Euskal Herrian maiatzaren 1eko mobilizazioak aprobetxatu zituen mugimendu feministak aipatu hilketa matxista salatzeko. Bestalde, asteartean Bidarten bere bikotekideak hildako emakumearen kasuko hipotesiak zabalik diraute. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak jakinarazitakoaren arabera bi hipotesi zeuzkaten esku artean: liskar baten ondorioz emandako eraso matxista izatea bata, eta bikoteak beren buruaz beste egiteko asmoa eduki izana bestea. Bi hipotesien gaineko ebazpen publikorik ez da oraindik egin. Euskal Herriko hainbat txokotan, baina, egin dituzte elkarretaratzeak hilketa salatzeko. Gaur arratsaldean ere zenbait elkarretaratze daude deituta Bidarteko emakumearen hilketa salatzeko: Bilboko Moyua Plazan arratsaldeko 20:00etan, Portugaleteko metro geltokian 20:00etan eta Markina-Xemeingo udaletxe aurrean 20:00etan.
news
argia-1baa35a9573e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/inperialismoaren-zuriketa.html
Inperialismoaren zuriketa
Asier Blas Mendoza
2018-05-13 00:00:00
Inperialismoaren zuriketa Mendebaldeak burutzen dituen esku-hartze inperialistak justifikatzeko edota erasotuari babesa ez emateko diskurtsoaren lerroetako bat, gatazken konplexutasuna azpimarratzea eta inperioen arteko talkaz hitz egitea da. Errusia inperialista omen da. Akusazio hori Latinoamerikako eskumak egiten duena bezalakoa da, esanez kubatar inperialismoa dagoela kontinente amerikarrean. Noski, propaganda baino ez da. Kontua da Latinoamerikan gaztelaniaz hitz egiten denez, Mendebaldeko ezker hegemonikoak ezin izan duela ezker eraldatzaile latinoamerikarraren kontrako diskurtsoa elikatu. Ekialde Hurbilean, berriz, herrialde sozialista ohietan, Asian edo Afrikan erraz asko defenda daiteke mezu Mendebaldar zalea. Gutxik ezagutzen dituzten hizkuntzak hitz egiten dituzte eta orain gutxira arte ingelesez edo gaztelaniaz gertakarien bertsio alternatiboak izatea ia ezinezkoa zen. Harresi linguistikoa profitatuz Mendebaldeko sektore progresista askok beraien herrialde inperialisten interesak defendatzen dituzte erasotzaileak eta erasotuak parekatuz. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Inperialismoa azaltzeko lanik erabilienetakoa da Leninen (1916) Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena . Liburu horretan, John A. Hobsonen lanek eraginda, inperialismoa kapitalismoaren ondorio saihestezina bezala aurkezten da, sistema ekonomiko kapitalistaren garapen logikoa eta jarraipenerako tresna bezala. Fase horretan konkurrentzia askea desagertzen da monopolio kapitalisten nagusiarengatik, enpresa eta banku gutxi batzuetan kontzentratzen da kapitala eta aldi berean aberastasun finantzarioak, paperezkoak, tamaina handia hartzen du ondasun erreal nahikorik gabe justifikatzeko bere existentzia. Leninen aburuz, Inperialismo modernoak bost oinarrizko ezaugarri izango lituzke: a) produkzioaren eta kapitalaren kontzentrazioak bizitza ekonomikoa kontrolatuko duten monopolioak sortzen ditu; b) banketxeetako kapitalaren fusioa industrialarekin eta kapital horretan oinarrituz oligarkia finantzarioaren sorrera; c) ondasunen esportazioa ez bezala, kapitalaren esportazioak garrantzi handia hartzen du; d) mundua beraien artean banatzen duten kapitalisten nazioarteko elkarte monopolisten sorrera; e) munduko lurraldeen banaketa potentzia kapitalista garrantzitsuenen artean gauzatzen da lehengaiak, lan indarrak eta merkatuak lortzeko. Gure egunerokoan Errusia zenbat dago presente? Zenbat produktu erosten diegu? Errusiar bankuek gure ekonomia kontrolatzen dute? Federazio eurasiarrak Munduko BPGren %2 baino ez du ordezkatzen, gutxi-asko dagokiona populazioagatik. Errusiar jaiak noiz diren badakigu? Bost ezaugarrietatik bat bera ere ez du betetzen Errusiak, justu kontrakoa, bere ekonomiak lehengaien dependentzia handia du. Halere, azken urteetan subiranoa izateko asmo irmoa azaldu du. Errusia munduan zorpetze tasa baxuenetako bat duen herrialdea da (ez du Mendebaldeko kapitala inportatzen); 2001ean banku publikoen kuota %35,9 zen eta %60ra igo zen 2015ean; eta estatuaren partaidetza ekonomian %35etik %50-70era (neurketa irizpideen arabera aldatzen da) pasa da Putinen garaian. Bestalde, gure egunerokotasunean Errusia zenbat dago presente? Zenbat produktu erosten diegu? Errusiar bankuek gure ekonomia kontrolatzen dute? Federazio eurasiarrak Munduko BPGren %2 baino ez du ordezkatzen, gutxi-asko dagokiona populazioagatik. Errusiar jaiak noiz diren badakigu? Akaso Halloween, Santa Claus eta Esker On Eguna errusiarrak dira? Errusiar militarrak ditugu ateetan? Orduan zergatik estigmatizatu nahi da Errusia? Hain zuzen ere, Leninek zehazten dituen bost ezaugarri horiek dituzten herrialdeei aurre egiten dielako, bere interes nazionalaren defentsan bai, baina aurre egiten die, besteak beste, inperialismoaren esanetara jarri nahi ez diren bere herrialde aliatuei lagunduz, gaur Siria. Latinoamerikako ezkerrak garbi du, Putin ez da izango aurrerakoia, baina bai inperialismoaren aurrean aliatua eta horrela ikusten dute Evo Moralesek, Rafael Correak, José Mujicak, Luiz Inácio Lula da Silvak edo Cristina Fernández de Kirchnerrek.
news
argia-5d104b3611e0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/metaforak-egia-bihurtzen-direnean.html
Metaforak egia bihurtzen direnean
Jon Aranburu Artano
2018-05-13 00:00:00
Metaforak egia bihurtzen direnean Liberen kontzertuaren kronika. Apirilaren 24an, Gasteizko Parral tabernan, 20:30ean. Metaforiko aritzeak hori dauka: erori eta berriz altxa, errautsetatik berria sortu, aurrera erori, hobe kiskaltzea herdoiltzea baino... Besterik da, ordea, nork bere azalean bizitzea. Halaxe gertatu zitzaien Libetarrei, apirilaren 21ean: Urretxun eman behar zuten kontzertura bidean, derrepentean, kotxeak su hartu zien, eta, zorionez, beraiek onik atera baziren ere, autoa eta barruan zeuden musika-tresna asko errauts gelditu ziren. Eta, ziur, metafora guztiak su horretara bertara botatzeko gogoa izan zutela. Etsigarria izan behar du. Etsigarria izan behar du, gainera, jakiteak, adibidez autoek ez bezala, musika instrumentuek ez dutela asegururik, zeinak balore guztia ez, baina diru pizarren bat emango dizun, karitatez, behintzat. Musikari lanean dabiltzanen prekarietatearen beste adibide bat hauxe. Ez dut, beraz, metaforarik erabili nahi sutea izan eta handik hiru egunera Parral tabernan eman zuten kontzertuaz hitz egiteko. Ez errautsik, ez erori eta altxatzerik, ez ezer. Dudarik gabe, presente zegoen, noski, istripua. Eta nabaritu zitzaion, noski, taldeari. Ez tristuragatik. Ez zen han penazko ez hitzik ez jarrerarik izan. Malkoak, bai, amorruzkoak. Hirugarren kanta-edo izango zen, azken laneko Bidean , Libek kantuaren ohiko estiloa apurtu eta "aurrera erortzen gara bidean" oihukatu zuenean malkotan, eztarriko korapiloa askatuta-edo. Baina umoretik ere izan zen, taldekideek behin baino gehiagotan egin baitzuten umorerako bidea, karga kendu nahian edo. Ez baita tentsio gehiegi komeni. Ilargia erori da lana aurkeztera zetozen, Libe Garcia de Kortazar eta bere lagunak, nahiz eta ez zen Gasteizen jotzen zuten lehen aldia. Onartzen du, ordea, lan honek zuzeneko entzunaldi bat baino gehiago. Zuzenekoetan nabarmen irabazten baitu diskoko lan dotoreak. Rocka du oinarri, baina nolabait ere gordea, kontenitua. Eta zuzenean bandak ematen dio halako dentsitate bat diskoaz haragokoa. Azken laneko eta aurrekoko kantuak eskaini zituzten boskotean: bi gitarra, baxua, bateria eta teklatua; eta, noski, ahotsak. Azken hau azpimarratzekoa iruditzen zait, errezeloa baitut inork gutxik zaintzen dituela kantatzeko moduak Libe eta Izaki Gardenak-ek adina (taldekide asko bietan daude). Ahots nagusia, kasu honetan Liberena, argi eta ozen entzuten zen. Ahots laguntzaileak, berriz, elegantziaz, konponketatan gehiegi kargatu gabe, edertzeko beste ezertarako ez zeuden. Eta ederra izan zen emanaldia. Berezia. Bestela ere hala izango zelakoan nago, baina egoerak hala dira eta zer egingo zaio. Batean eta bestean jotzen ariko dira orain, eta gonbidatzen zaituztet kontzertuetara joatera. Inguruan dugun bandarik interesgarrienetako bat zuzenean ikusteko aukera ez galtzekoa da.
news
argia-64ceb4f87884
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/stoner-blues-rock-doinu-beroak.html
Stoner blues rock doinu beroak
Joxi Ubeda Goikoetxea
2018-05-13 00:00:00
Stoner blues rock doinu beroak Berez, kuartzoa mineral gogor bat da, oso gogorra. Izenaren esanahiarekin bat etorrita, Kuartz bikoteak egiten duena ere gogorra da, trinkoa. Hard rock, stoner rock eta blues rock kutsuko doinuen bidez soinu horma sendoa eta bortitza eraikitzen dute, itzela, gitarra riff basatiekin, distortsioarekin, errepikapenekin eta indar handiarekin. Doinu beroak dira, biziak, eta kantak ez dira luzeak (hiruzpalau minutuko zazpi kanta dira orotara), beraz, disko osoa berehala entzuten da, ohartu gabe. Gainera, jendaurreko emanaldietan sampleak erabiltzen dituzte kanten arteko loturak egiteko, emanaldiak etenik gabe egiteko eta arinagoak izateko. Bi musikari bakarrik dira, baina gehiago direla ematen du kantak entzuterakoan. Musikari trebeak, eta bi instrumentu besterik ez erabili arren, oso ongi biribildutako doinuak sortzen dituzte. Ibes Mongabure (gitarra eta ahots nagusia) eta Oihan Delavigne (bateria eta ahotsak) Bastidakoak dira (Nafarroa Beherea). Kuartz sortu aurretik Inguma eta Urmurao taldeetan aritzen ziren. 2016an hasi ziren elkarrekin jotzen eta 2018ko martxoan kaleratu berri dute beren lehen lana. Kantetan kritika soziala egiten dute eta beren kezkak ere azaltzen dituzte, harremanez, izateaz: "Zabor mediatikoan hitzak usteltzen, haien sentsu organikoa desegin eta interes gabeko borroka eramaiten" ( Xutik hilak ), "Suntsitu berregiteko, nik nahi dutan neurrian, bestea bost axola on egiten dautano" ( Suntsitu ), "Sortzeko unea, ta beldur hutsa, jasotzeko behar da, emaiten jakin" ( Etengabeko istoria ), "Iraganetik gerora zeharkatzen duen zubi hau luzea da, oraineko zubia amaigabea" ( Blues kiratsa ). Egunotan oso lanpetuta dabiltza diskoa aurkezten, emanaldiak egiten. Apirilean Hendaiako eta Uztaritzeko gaztetxeetan aritu dira, Baigorrin ere bai Nafarroaren Egunean, Zumaiako gaztetxean ere jo dute, maiatzaren 4an, eta datozen asteetan saio gehiago ere egingo dituzte, han eta hemen. Sortzen duten soinu horma bertatik bertara nabaritzea eta nola egiten duten ikustea sentipen berezia izango da, dudarik gabe.
news
argia-56f3254457f4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/ius-osculi-emazteak-edan-ez-dezan.html
'Ius Osculi', emazteak edan ez dezan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-05-13 00:00:00
'Ius Osculi', emazteak edan ez dezan Erroma, K.a. VIII. mendea. Kondairaren arabera, Romulok, hiriaren fundatzaileetako batek berak, Ius Osculi (musu emateko eskubidea) izeneko legea jarri zuen indarrean, beste arau askorekin batera. Lege horren arabera, emakume ezkonduek, egunero, senarrari ahoan musu eman behar zioten. Ez zen hura senar-emazteen arteko harremana derrigorrez estutzeko neurri bat, emakumeei nolabaiteko alkoholemia kontrola egiteko bidea baizik: gizonak hatsean antzemango zion emazteari ardoa edan zuen ala ez. Lehen erromatarrentzat (gizonezkoentzat) alkoholaren kontsumoa eta adulterioa guztiz lotuta zeuden (edaten zutenak emakumeak zirenean soilik). Horregatik emakumeek debekatuta zeukaten alkohola kontsumitzea. Derrigorrezko musuen bidez kontrolatzen zuten hori eta, senarraren alkoholimetroa beti nahikoa ez zenez, Ius Osculi legeak jasotzen zuen haren senitartekoek ere emazteari musu eman behar ziotela, hasierako emaitza positiboa ala negatiboa berresteko. Emaitza positiboa zenean zigorra senarraren esku geratzen zen: jipoia, zapuztea… edo heriotza. Valerio Maximok dio Egnazio Mezenio izeneko erromatar batek emaztea kolpeka hil zuela ardoa edateagatik. Eta idazleak esaldi honekin justifikatzean zuen zigorra: "Ardo egarriz dagoen emakume orok bertuteari ateak ixten dizkio, eta bizioei ireki". Eta Plinio Zaharrak azaldu zuenez, alkohola edandako emakumeak maiz gela batean giltzaperatu eta hantxe gosez hiltzen uzten zituzten.   Denboraz, lege zurruna lasaitu zen pixkanaka eta erromatar emakumeei Bakoren plazerraz gozatzeko baimena eman zieten. Baina edateagatik heriotzara ez kondenatzeak ez zuen esan nahi ondo ikusia zegoenik. Bi mila urtetik gora igaro dira eta alkohola edaten duten emakumeei musu emateko edo nahi beste egiteko eskubidea dutela uste dute askok oraindik.
news
argia-7cade787a9fc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/eta-ren-amaiera.html
Ziklo bat itxi da eta beste bat ireki
ARGIA
2018-05-13 00:00:00
Ziklo bat itxi da eta beste bat ireki Genevan irakurri dute ETAren amaiera iragartzen duen agiria, erakunde armatuaren ia 60 urteko ibilbidea bukatutzat emanda. Kanbon berriz, euskal gatazkaren konponbide osorantz pausoak emateko deia egin dute nazioarteko eragileek. Aro bat bukatu da behin betiko eta beste bat hasiko da orain, aurrekoak utzitako problemetako batzuk herentzian jasota.
news
argia-8db719bdcb0d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2598/putzuak-ikastetxe-barruan.html
Laborategi naturala ikasleentzat, premiazko bizigunea apoarentzat
Mikel Garcia Idiakez
2018-05-13 00:00:00
Laborategi naturala ikasleentzat, premiazko bizigunea apoarentzat "Euskal Herrian oso gutxi izango dira ikastetxe barruan hezegunea egitea erabaki dutenak", diote Irungo Plaiaundi Institutuko irakasleek. Hezegune bat ez, hiru egin dituzte bertan, ikasleek eurek: hiru putzu, hiru habitat; ikasgelako teoriatik praktikara salto egiteko laborategi naturala lortu dute batetik, eta inguru horretan bizi den eta mehatxupean dagoen apo lasterkariarentzako erreserba ezin hobea sortu dute bestetik. Urtarrilaren 24a da, eguraldi ona dugu eta putzuak egiteari ekingo diote institutuko ikasleek. Aurretik, Gabonetako oporretan, makina hondeatzaile txiki batek hiru zulo utzi ditu eginak ikastetxeko zelai-guneko hiru lekutan. Putzuen sakonera, neurria, toki zehatza (itzaletan edo eguzkitan)… ez da ausazkoa, bertako espezieengan pentsatuta diseinaturiko hezeguneak dira. Palak eta aitzurrak prest dituzte, eta segituan jabetuko dira ikasleak: putzua sortzea ez da zulo bat egitea eta kito, ez horixe. Batxilergoa egiten ari diren 16-18 urteko hiru ikasgela –eta hiru irakasle– dira, 50 ikasletik gora: ikasgela bakoitzak putzu banaren ardura izango du, orientazioaren arabera izendatu dituztenak: Larrun putzua, Jaizkibel putzua eta Aiako Harriak. Aranzadi Elkarteko Jon Garin ere bertan da, azalpenak ematen, Aranzadi bidelagun izango baitute proiektu honetan. Eta hasi dira ikasleak, palekin zulora lurra botatzen, aitzurrekin garbitzen, putzutik ura ateratzen… Gero, geotextil geruza jarri dute denen artean (oinarrizko geruza da, euri-ura ez dadin etorkizunean iragazi eta lurrak ez dezan dena xurgatu); eta oraindik beste bi geruza ere jarri beharko dituzte (butilo geruza eta geotextila berriz ere). Lurra bota, inguruan hesia egin… Lau bat egunetan jaitsi behar izan dute patiora, prozesua behar bezala amaitzeko, eta lortu dute azkenean, hiru hezegune diseinatu dituzte, euriak modu naturalean beteko dituen hiru putzu. Ikasleek eurek egitea ideia ona izan da, proiektuan gehiago inplikatuko direlako: propio sentitzen duten putzuaren jarraipena egingo dute, aldaketak ikustera gerturatuko dira, jakin-mina dute… eta aldi berean, gizakiak onerako eta txarrerako naturan eragin dezakeela konturatu daitezela nahi dute irakasleek. Karlos Cruz, Ana Uriz eta Iñaki Sanz-Azkue dira Lur eta Ingurumen Zientziak ikasgaiko irakasleak Plaiaundi Institutuan. Bakoitzak talde bana du eta hiru taldeek asteazkenetan, azken bi orduetan ematen dute ikasgaia. "Hasieratik garbi ikusi genuen ez ikasleak ez gu ez ginela prest gela barruan bi orduz segidan eduki teorikoak ematen aritzeko astero-astero". Horrela jaio zen ekimena. "Zenbat landare ezberdin zeuden begiratzeko esan genien. 'Dena belarra da-eta!' erantzun ziguten. Bada, begiratu eta sei espezie ezberdin aurkitu zituzten, hain eremu txikian" (Iñaki Sanz-Azkue, irakaslea) Putzua ikasleek eurek egitea ideia ona izan da, haiena egin baitute proiektua eta hezegunea. (Arg: Dani Blanco eta Plaiaundik utziak) "Zergatik ez da hazi belarra?" Hasieran ikasgelatik ateratzeko aitzakia eta kasik jolasa zena, beste dimentsio bat hartzen joan da, pixkanaka zentzua ere ikusi diote ikasleek egin dutenari, eta hezegunea ur-putzu bat baino askoz gehiago dela ohartu dira: mikrohabitatak eta txokoak daudela hezegune barruan, maila teorikoan lantzen dituzten gaiek (ekosistemak, biodibertsitatea, landareak, espezie ezberdinen bizi-zikloak…) lotura dutela bizitzarekin, "batzuetan badirudielako liburuan ematen duguna zerbait abstraktua dela –diote irakasleek–, baina ez, hor dago, naturan, putzuan bertan". Aurten sorturiko hezeguneak, gainera, baliagarri izango zaizkie datozen ikasturteetan ere, eboluzionatzen jarraituko dutelako eta hurrengo ikasle belaunaldientzako laborategi natural bikainak izaten jarraituko dutelako. Errealitatea ez baita teoria, aurreikuspenak beti ez dira betetzen, eta hori ere bada aberasgarri. Hasiera batean berdinak ziruditen putzuek ezberdintasunak dituztela agerian geratu da denborarekin eta putzuetako bat, adibidez, ez da apenas aldatu, oso hezea delako eta ingurua putzutzen delako. Gogoetarako baliatu dute irakasleek: zergatik ez da aldatu? Zergatik ez da belarra hazi? Zertan da beste hezeguneekiko ezberdina?... Ariketetako bat izan da putzu banaren inguruan metro koadro bat aztertzea: belarra nola hazi den, zein portzentajetan, zein landare agertu diren… Hala, eboluzioa eta segida ekologikoa landu dituzte. "Zenbat landare ezberdin zeuden begiratzeko esan genien. 'Zenbat landare? Dena belarra da-eta!' erantzun ziguten. Bada, begiratu eta sei espezie ezberdin aurkitu zituzten, hain eremu txikian. Nik ez nien esan hori biodibertsitatea dela, baina izena jarri edo ez, kontzeptua ulertu dute, barneratu dute", dio Sanz-Azkuek. Galderaz, ariketez eta hausnarketarako aukerez betetako txosten osatua ere prestatu zuten hiru irakasleek. Zure hezeguneak zein orientazio du eta noiz joko dio eguzkiak? Zertan dira ezberdinak hiru putzuak? Zein da putzuko ekosistema, biotopoa, populazioa, habitata…? Ze fauna mota gerturatuko da putzuetara? Garrantzitsua al da putzua noiz egin jakitea? Osatu kate trofiko bat putzu bakoitzarentzat; eta abar luzea. Txostena betetzeko garaian, ikasleen artean iritzi-truke eta eztabaida interesgarriak sortu ziren; "gaiak jakin-mina eta interesa piztu duen seinale". Beste ikasgai batzuetan ere baliatu dituzte putzuak: uraren azterketa egiteko, mikroorganismoak bilatzeko edota laborategiko praktiketarako Lur eta Ingurumen Zientzietan bakarrik ez, beste ikasgai batzuetan ere baliatu dituzte patioko habitat berriak: Kultura Zientifikoan, Biologian eta Geologian, esaterako, uraren azterketa egiteko, protozooak eta mikroorganismoak bilatzeko edota laborategiko praktiketarako oso ongi etorri zaizkie. Eta hurrengo ikasturteetarako, zientzia arloetatik harago gainerako ikasgaietan ere putzuak integratzeko egitasmoa planteatu dute. Apo lasterkariak badu non ugaldu Balio hezitzaileaz gain, biodibertsitatearen ikuspegitik ekarpen handia dira hezeguneok. Helburua izan da hiru habitat berri sortzea, anfibioak, intsektuak, txoriak, narrastiak… erakarriko dituena; ez da ahaztu behar anfibioen populazioa gainbehera dagoela eta %40ak desagertzeko arriskua duela. Baina beste asmo bat ere badute putzuek: apo lasterkaria espezie mehatxatuari bizileku aproposa eskaintzea (ez alferrik, hari egokitutako sakonera, tamaina eta ezaugarriekin diseinatu dituzte putzuak, moztutako belarraz inguratuak, eremu irekiak behar baititu apo lasterkariak). Hain juxtu, apo lasterkaria oso leku gutxitan aurkitu badaiteke ere, ikastetxearen atzealdean dauden baratzeetan eta institutu alboan dagoen Plaiaundiko Parke Ekologikoan bizi da, eta hori aprobetxatu nahi izan dute irakasleek. Une onean datoz putzuak: atzealdeko baratzeak kenduko dituzte eta apoarentzat kaltegarria izan daitekeela aurreikusten dute, eremu murritzagoa izango dutelako ugaltzeko eta bizitzeko. "Gutxienez, hiru hezegune berri izango dituzte orain, erreserba moduko bat". Ikasturtea amaitzear dela, ez dago inor Plaiaundi Institutuan apo lasterkariaren berri ez duenik. Eta ez gara bakarrik ikasleez ari. Ikasgai ezberdinetako irakasleek, bedelak, kafetegiko langileek… galdetzen dute apo lasterkariaz eta putzuen eboluzioaz. "Zerbait berezia izan da denontzat, harridura sortu zuen hasieran, jakin-mina ondoren, eta azkenerako elkargune indartsua izan da Plaiaundiko hezkuntza komunitatearentzat". Horregatik, apirilean putzuetara eta ondoko parke ekologikora bisita antolatu zutenean arrats-gaualderako (apo lasterkaria ikusteko ordu onenak horiek direlako), jende ugari animatu zen, haur, ikasle eta heldu, linternak eta frontalak hartuta abentura gogoz. Une onean datoz putzuak: atzealdeko baratzeak kenduko dituzte eta apoarentzat kaltegarria izan daiteke. "Gutxienez, hiru hezegune berri izango dituzte orain, erreserba moduko bat" Maiatza da eta burruntziak, sugandilak, sugeak… hezeguneen parte dira dagoeneko. Bat-batean, ikasle talde bat sartu da gelara, oihuka: "Zapaburuak! Zapaburuak!". Propio sentitzen duten putzura ohiko ikustalditxoa egitera joan, eta orduantxe izan dute ezustekoa, irrikaz esperotako albistea: apo lasterkariaren zapaburuak agertu dira putzuan. Itxura oso ona du Plaiaundi Institutuko putzuen etorkizunak. Apirilean putzuetara eta ondoko parke ekologikora antolaturiko txangoa (Arg: Dani Blanco).
news
argia-7206c3677e20
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2427/garunean-interkonexio-gehiegi-dute-autistek.html
Garunean interkonexio gehiegi dute autistek
Joxerra Aizpurua
2014-09-07 00:00:00
Garunean interkonexio gehiegi dute autistek New Yorkeko Institutu Psikiatrikoko Jeffrey Liebermanek egin berri duen aurkikuntzak itxaropena sortu die autismoaren aurkako borrokan dabiltzanei. Liebermanek dioenez, garunean nerbioen arteko konexio gehiegi badago autismoa sortzen da. Jaiotzean, umeek mota horretako interkonexio asko izaten dituzte, baina normalean, hazi ahala gutxitu egiten dira. Ez da horrela gertatzen autisten kasuan: haien interkonexioak mantendu egiten dira, eta horrek informazio gainkarga sortzen die garunean. Hala, informazioak ezin du era egokian zirkulatu. Liebermanen lantaldeak adierazitakoaren arabera, interkonexio horiek gutxituz hobekuntza nabariak lortu beharko lirateke autisten egoeran.
news
argia-7f46deb33d08
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/bat-eginik-pentsionistak-desmobilizatzeko.html
Bat eginik pentsionistak desmobilizatzeko
Juan Mari Arregi
2018-04-26 00:00:00
Bat eginik pentsionistak desmobilizatzeko PPren eta EAJren interesak batu egin dira Estatuko Aurrekontu Orokorrak salbatzeko, pentsionistak hauteskunde-merkantzia balira bezala erabilita. PPren gobernuak fronte asko dauzka irekita eta galera handia izan dezake bere boto-emaileen artean. Pentsionisten sektorea –botoak lortzeko garrantzitsuenetakoa– muturrerantz zihoakion, Espainiako Estatuan mobilizazio gero eta handiagoaekin. Eta mobilizazio horien buru Hego Euskal Herriko pentsionistak jarri dira, hortik boto asko lortzen dituen EAJri ere eraginez. PPren eta EAJren interesak batu egin dira Estatuko Aurrekontu Orokorrak salbatzeko, pentsionistak hauteskunde-merkantzia balira bezala erabilita. Horretarako, lehen ezinezkoa omen zena dirurik ez zegoelako, orain posible da, bi alderdientzat hauteskundeei begira onuragarria delako, eta KPI-aren hazkundeari loturiko %1,5eko igoera adostu dute aurtengorako eta hurrengo urterako . Lortu dute, era berean, pentsionisten arteko batasuna haustea, batzuentzako agian nahikoa izango delako igoera, mobilizazioen ondorioz lortua gainera. Beste askok ordea, batez ere Hego Euskal Herrian, ez dute hori uste. EAJri oroitarazi behar zaio igoera horrek hilean batez beste 10 euro gehiago ekar dezakeela soilik; 700 eurotik behera kobratzen duten 247.000 euskal pentsionistentzat oso gutxi da. Bertoko pentsionisten plataformek aldarrikatu dute pentsioak 1.080 euro arte osatzea, orain hori erabaki izan balitz, orduan bai sinesgarria litzateke. Estatuko aurrekontuak –itxura guztien arabera EAJren babesa izango dutenak–, antisozialak, militaristak eta birzentralizatzaileak dira. Jeltzaleak Gernikako Estatutua bortxatzen duen gobernu ustel baten ondoan jarri dira. Benetan fidatu daitezke duela dozenaka urte sinatu baina oraindik eskumenak transferitu ez dituen gobernu batez? Zeinek bermatzen du akordioa beteko dutela?
news
argia-53ad8c5d654b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/amets-erradikal-bat-dut.html
"Amets erradikal bat dut"
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-05-06 00:00:00
"Amets erradikal bat dut" Washington (AEB), 1963ko abuztuaren 28a. Martin Luther Kingek Amets bat dut hitzaldi ezaguna bota zuen. Hitzaldi horretan oinarritzen da edo, hobe esanda, hitzaldi horretara mugatzen dute gehienek hark utzitako ondarea. Indarkeriarik ezaren aterkipean babestutako diskurtso moderatua zen, beltzentzako eskubide zibilak eskatzera mugatzen zena –eta ez da gutxi–, "amets amerikarrarekin" bateragarria, Malcolm X edo Pantera Beltzen diskurtso erradikalaren aldean, "onargarriagoa". 1967ko apirilaren 4an, hil baino urtebete lehenago juxtu, New Yorken hitzaldi bat eman zuen Kingek 3.000 pertsonen aurrean. Vietnamgo gerra gogor kritikatu zuen orduko hartan, gatazkaren amaieraren nondik-norakoak AEB ahalguztidunean oraindik susmatzen ez zirenean. "Gure gizarteak jipoitutako gazte beltzak hartu eta etxetik 8.000 miliatara bidali ditugu, Georgia hegoaldean edo Harlemen ez dituzten eskubideak Asiako hego-ekialdean bermatzeko. Mutil beltzak eta zuriak elkarrekin hiltzen ikusten ditugu, eskola berdinean elkarrekin esertzen uzten ez dien nazio baten izenean. Elkartasun bortitzean ikusten ditugu herrixka txiro bateko etxolak erretzen, baina konturatzen gara ez liratekeela sekula Detroiten etxe-bloke berean biziko. Ezin dut isildu pobreen halako manipulazio basatiaren aurrean". Arrazismoaz harago, kolore guztietako pobrezia zuen jomuga. Eta indarkeriarik ezaren ideia zabaltzeko ere baliatu zuen Vietnam: "Ezingo nuke ghettoetako zapalduek erabiltzen duten indarkeriaren aurka egin, lehenago, argi eta garbi, egungo munduko indarkeria hornitzaile nagusiaren aurka egin gabe: nire gobernua bera". Urtez urte, aurrekontu militarrean gizarte programetan baino diru gehiago xahutzen duen herrialdea "heriotza espiritualera hurbiltzen" ari zela gaineratu zuen. "Makinak, ordenagailuak, etekinak eta jabetza eskubideak pertsonak baino garrantzitsuagoak diren bitartean, ez gara gai izango arrazismoak, materialismoak eta militarismoak osatzen duten hirukote erraldoia gainditzeko".     Une horretan, prentsak gogor kritikatu eta iraindu zuen King hitz horiengatik. Gero, hitzok isilaraziko zituzten. Eta azken hilabetean, hil zutenetik 50 urte bete diren aitzakian, hedabide gehienek Martin Luther Kingen ideia antikapitalista garbiak baztertu dituzte berriro ere, ekintzailearen bertsio edulkoratua, publiko guztientzako kontsumigarria, saltzen jarraitzeko.
news
argia-59109794b048
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/hauspoari-eraginez.html
Hauspoari eraginez
Aiala Elorrieta Agirre
2018-05-13 00:00:00
Hauspoari eraginez Bost urte bete ditu Euskoak eta dagoeneko gutxi falta zaio Europako lehen tokiko moneta izateko. Euskal Moneta Euskal Herri kontinentalean arrakasta ikaragarria izaten ari den ekimena dugu eta pozgarria iruditzen zait prozesu horrek izan duen behetik goranzko norabidea. Gainera, alternatibak eraiki eta abian jartzeko bidean, urrats oso garrantzitsua izan da: jendartetik abiatuta beronen zerbitzura prestatzen den tresna erabilgarri bat. Pentsatu globalki eta ekin lokalki leloari denboraren dimentsioa gehitzerik badago: orain. Etorkizuneko plan estrategikoen martxa itxaron gabe, orainean bertan ekiteko erreminta bat ere badelako. Euskal monetaren helburuak anitzak dira oso eta horretan datza hein handi batean bere arrakasta: birtokiratzea, euskara, trantsizio energetikoa, ekologikoa, gertuko merkataritza... Helburuak bezain anitzak dira baita ere euskoaren erabiltzaile eta defendatzaileak. Errealitate horretatik abiatzen da Dante Edme Sanjurgo, elkarteko zuzendari orokorra euskoaren emaitzetako bat goraipatzerako orduan: jendarteko sektore oso desberdinen artean zubiak eraikitzeko gaitasuna du monetak. Honekin batera, euskoaren beste ekarpen handi bat nabarmendu nahiko nuke: tokiko monetaren bitartez, ekonomia gizartera gerturatu egiten dela. Hau da, ekonomia berriz gizartean txertatzen laguntzen duela: moneta, merkatua eta ekonomia bera jendartearen zerbitzura ekarriz. Euskal Herriko zenbait udaletan, Hendaian edo Uztaritzen esate baterako, tokian tokiko administrazioek ekimen honekin bat egin dute euskoaren kide eginez. Are gehiago, beraien aldetik ere urratsak eman dituzte, hala nola igerilekuek eta mediatekek euskotan ordaintzeko aukera eman ere. Udalerrien arteko aliantza honek, zalantzarik gabe, balioz bete egiten du Euskal Moneta. Euskoa izaten ari den ibilbidea ikustea zirraragarria da. Maila teorikoan defendatzen duguna, praktikan badabilela ikusteak bizipoza ematen du. Baionako Udalak euskoarekin akordio bat sinatu zuen 2017ko udan. Hitzarmen horren bitartez, udalerriak zenbait gastu eusko bidez ordaintzeko aukera ireki zuen Euskoa izaten ari den ibilbidea ikustea zirraragarria da. Maila teorikoan defendatzen duguna, praktikan badabilela ikusteak bizipoza ematen du. Baionako Udalak euskoarekin akordio bat sinatu zuen 2017ko udan. Hitzarmen horren bitartez, udalerriak zenbait gastu eusko bidez ordaintzeko aukera eman zuen: hautetsien ordainsariak, elkarteentzako diru-laguntzak edota zenbait faktura. Baionako Udalak hartutako erabaki hau ongi baloratu beharra dago. Are gehiago, Jean-René Etchegaray auzapeza Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakaria ere badela kontuan hartzen badugu. Baionako Udalak urrats hori eman baldin badu, Euskal Monetari dagokion balioa antzematen diotelako izan da. Edo bestela, euskoak indartu nahi dituen baloreekin bat egiten dutelako. Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit, Frantziako Estatua ere ohartu da euskoaren botereaz: Hexagonoko zaindariek Baionako Udala eta euskoaren arteko hitzarmena Paueko epaitegietara eraman dute. Ez da harritzekoa: batzuontzat garaipena dena, beste batzuentzat deserosotasun iturria da.  Zorionez (orain bai) euskoa garaile irten da, Paueko jujeak baieztatu berri duelako akordioaren legezkotasuna. Oraingoz, badago zer ospatua baina Paueko prefetak kasua Bordeleko epaitegietara eraman nahi du. Bitartean, euskoak  egunetik egunera bere bidea egiten jarraitzen duen heinean, asko ari gara ikusi eta ikasten. Moneta burujabetzaren aldeko urrats batek posible egiten du burujabetzaren beste hainbat dimentsiotan ere aurrera egitea. Noiz gertatzen da hori? Moneta oztopo baino hauspo bilakatzen denean.
news
argia-8f2350f6694a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/broken-brothers-brass-band.html
Musika beltzen txertaketa
Xalba Ramirez
2018-05-06 00:00:00
Musika beltzen txertaketa Iruñeko Broken Brothers Brass Band-aren izenari lotzen dizkiogu Atlantiko Beltza eta Mardi Gras, Iruñea Nola eta Second Line-a. Amama Luisa Brass Banden hondarretatik jaio zen taldea eta 2012an euren lehen lana argitaratu zutenetik, bide oparoa egiten ari dira. Laugarren lana kaleratu dute: Txertaketa (Gaztelupeko Hotsak). Denetarik txertatu dute bertan, eta jarraituko dute, dudarik balego. 2016an atera zuten Ildoa Landuz orain arteko azken lana. Mugarria izan zen taldearen ibilbidean, baina ez inora urruntzeko –mugarriak adiera horrekin ere erabili ohi dira–, hurbiltzeko baizik, Iruñerriari bertatik bertara abesten zion diskoa izan zen eta. Txertaketa -k, ildo beretik jarraituz, lokaletik egiten du kantu: "Bertatik bertarako musika egiten dugu", dio Ion Celestinok, taldearen buru ipurtarinak. New Orleans-eko Brass Bandak –txarangak esan genezake–, oinarri hartuta sortu zuten taldea, hango doinuak, taldeak eta ereduak hona ekarriz. Lehen bi diskoetan jazz klasiko horri eutsi diote gehiago, baina azken bietan askeago dabiltza eta funka, gospela eta hip-hopa nahastu egiten dira, erritmo latindar eta groove pisutsuagoekin. Moises No Duerme Barañaingo musikariak egin die grabaketa eta nahasketa Barañaingo La Naben eta Iruñerriko Sustraian Records zigiluarekin argitaratu dute. Musika beltzaren inguruan sortu dira azken bi egitasmoak, hain ohikoak diren talde eta estiloen arteko uztarketarako espazioak izanik biak: esperimentazioa eta komunitatea. Ion Celestino: "Guk musika beltza egin nahi badugu, konexioak bilatu behar ditugu, baina ezin da fotokopia bat izan. Bertako arazoei bertako mezuekin erantzun behar diegu, eta bertako estilo nahasketekin ere bai" Diskoari irekiera eta itxiera ematen dioten kantak Agur Jaunak -en bertsio jazzero bana dira. Introan, drum and bassak lagunduta, hiletara bidean doan desfilea irudikatu dezakegu. Jakina da New Orleanseko elizkizunetan Brass Banda hilotzaren atzean joaten dela musika jotzen, eta atzean, second line-ean, senide eta lagunak dantzan, bizitza ospatzen. Outroa aldiz, solemneagoa da, perkusiorik gabe, barne gogoetaren lasaitasunera bidaiatzeko. Detroit Motown zen bezala, Iruñea ere Motor City gisa irudikatu zuen azken diskoan Balerdi Balerdi nafar power pop talde mitikoak, eta kanta horren bertsioa da Monstruito Special . Celestinok "aspalditik" egiten zuen Motor Cityaren txantxa, eta Balerdikoen kanta oinarri hartuta, oihukatuko dute "gu gara! Bagatoz!". Jarraian etorriko da greba mugagaberako deia. Broken Sisters-en –Nerea Erbiti, Terela Gradín eta Silvia Pérez– melodia altu horrek haur koro bat iruditu dezake, baina infantilismoari kontrapuntua jarriko diote Hedoi Etxarteren hitzek, modu xaloan landuz klase borroka: "Erraza da, nagusia ez bazara ulertuko duzu". Martin & Marcela , DJ remix latino bat dirudiena, Iruñeko DJ Budin-i omenalditxoa da. Pertsonari, eta ordezkatzen duenari. "Gauza oso lokaletatik unibertsalak diren kantak egitea ere gustatzen zaigu. Kanta honetan, DJak bezala, kanta zatiak hartu ditugu eta kanta osoan barrena nahastu. Jolas moduko bat da horiek bilatu ahal izatea". Xuri guztiak ez dira irinak kantan dator rap astun eta jostaria. Diskoan ahotsekin jolasteko aukera handiagoa izan dute, eta hori da Txertaketa -n nabarmendu daitekeena eta zuzenekoetatik bereizi, "kalean hainbeste ñabardura ematea zailagoa delako". Kalean "group chant" eta antifonaren bidez abesten dute: galdera-erantzunen koroekin, alegia. Paul Gilroy-k Atlantiko Beltza liburuan jasotzen duenaren arabera, abestutako elkarrizketa hauek musika beltzaren oinarri handienetako bat dira, une demokratiko eta komunitarioak sortzen dituztenak, eta antifonaren bitartez, harreman sozial ez-menderatzaileak sinbolizatzen dituztenak. Geure gainetik izarrak bakarrik , da galdera erantzunaren adibide hoberena. 2016an Barañainen egin ziren Gazteraiki topaketetarako egin zuten kanta Brokenekoek Hedoi Etxarterekin, eta topaketei leloa jartzen bukatu zuen. "Hiriari himnoak emateko" sortutako kanta horietako bat, dudarik gabe. Ezjakintasunaren kateak suntsitu Euskal rockaren zaleei atentzioa deitu zien diskoan Dut-en bertsio bat egin izanak. Post-hardcorea eta jazza? Ba bai, eta hasieratik gainera. Izan ere, Ezjakintasunaren kateak suntsitu kanta Miles Davis-en Jean Pierre kantaren melodia zatiekin egina dago: "Garai horretan hasi nintzen hip-hopa entzuten, eta euskaraz deskubritu izanak txundituta utzi ninduen. Sentsazioa daukat Duten lehen lan hori ahanzturan gelditu dela, baina niretzako oso aktuala da oraindik". Duteko kideekin harremanetan jarri zen Celestino kanta grabatzerako orduan eta leloan erabiltzen den ingelesezko sample-a nondik lortu ote zitekeen galdetu zien. Erantzuna: ezetz, ez zela sample bat. Antza, Dutekoak diskoa grabatzen ari zirela, Hondarribitik jamaikar mutil bat agertu zen, eta euren diskoan zer edo zer sartuko zuela esan zien. Esan eta egin, aipatu "samplea" zuzeneko inprobisazio bat baino ez zen izan. Lokaltasunetik kantatzea da Brokenekoen –eta New Orleansetik ikasitakoaren– beste osagai nagusietako bat. Abestia egin diote Iruñean Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Elhadji Ndiaye-ri –lehendik ere Bizitza da handiena - Dundu ñuule amna solo egina zuten–. Africa United Brigade taldekoek abestu dute bertan, komunitatea ehuntzearen beste adibide on bat. Iruñea After Barcina Estiloa baino gehiago hartu dute Brokendarrek New Orleansetik. 2005. urtean izandako Katrina urakanaren ostean egindako festan inspiratu ziren Nafarroan aldaketaren hauteskundeak ospatzeko. UPNrik gabeko Iruñea "Nola?" eraiki. Galderak daukan erantzun posibleetako bat eskaini zuten: festa eta dantza beharrezkoak dira. Baina musika beltza askotan festarako musika bezala iritsi izan da bakarrik Euskal Herrira, eta orokorrean mendebalde zurira, Celestinoren esanetan. "Jatorrian politikarekin harreman zuzena du musika beltzak, arrazoi ebidenteengatik. Guk musika beltza egin nahi badugu, konexioak bilatu behar ditugu, baina ezin da fotokopia bat izan. Bertako arazoei bertako mezuekin erantzun behar diegu, eta bertako estilo nahasketekin ere bai. Horregatik gaude beti irekita txertaketa berrietara". Iruñea Nola kolektiboa ez dela planifikatutako zerbait argi dute bertako konspiratzaile guztiek. Celestinorentzat, "gerrillaren gerra bezalakoa izan da. Hainbat jende eta lagun bildu gara, eta gure harremanak oinarri sortu genuen dinamika". Izandako eraginaz galdetuta ez du hain argi Ceslestinok. "Gauza berriak sortu baino, lehendik zetozen mugimenduei ikusgarritasuna eman zaie agian, eta estilo ezberdinak mugiro beraren parte egin ditugu". Izan ere, musika beltza ez da estilo bat, gehiago litzake gauzak egiteko manera bat. Gilroyentzat, "arte beltzak gaitasuna izan behar du aurkakoak diren objektu eta elementuak erabiltzeko eta inolako esfortzurik eragiten ez duenaren itxura eman behar du. Fresko eta erraza eman behar du. Izerdia eginarazi badizu, ez duzu zure lana ondo egin". Manera horren barruan sartuko da norbanakoaren eta taldearen dikotomia. "Led Zeppelin edo The Beatles ezin dira ulertu taldekideak gabe, musika taldeak indibiduo bihurtzen dira. Brokenekin edo Sustraiak-ekin ez da horrela gertatzen: taldekideak aldatuz doaz, eta komunitatea bihurtzen da taldearen parte. Taldeak eta musika antolatzeko eredua irauli beharra dago zentzu horretan ere". Gai hauek lantzeko Atlantiko Beltza topaketak antolatu zituzten Katakraken –bertako sukaldea da konspirazio iturri nagusia, Gumbo Ibaiertzean kantak aitortzen duen bezala–: liburuak, eztabaidak eta musikaren teoria izan ziren ardatza. 80ko hamarkadatik etorri diren hainbat paradigmarekin hautsi beharraz mintzatu ziren jardunaldiotan. Bi zentzutan: gauzak nola antolatu eta gauzak nola abesten diren. "Rockaren aroa agortua dagoela eta gauza diferenteak –berriak ez, ziurrenik– egiten saiatu behar dugula uste dugu. Eta geroz eta zabalduago dago gogoeta hau Euskal Herrian ere". Gitarretatik askatzeko garaia zela zioten jardunaldi horietan. "Gitarrak ez dio himno bakar bat eman hiri honi azken urteetan", entzuten da Soundcloudera igo duten interbentzio batean. Bistan da, sinbolo gisa hartua dela gitarra, baina badu zerbait egiatik: "Punkaren garaiko estetikak eta leloak errepikatzeak ez du ezertarako balio. Kamustuta daude eta autoparodia bihurtu dira". Eredu aldaketa hori dakarte, besteak beste, Iruñea Nolakoek, eta Brokenekoek, DjReimyk, The Titanians, DJ Budinek eta Skabideanekoek. Mezu berriak, irudi berriak, eta molde berriak. Urteroko zitarik ez da faltako Iruñea Nolakoentzat: maiatzaren 20an Maravilllas Gaztetxetik abiatuta Errotxapekora egingo da aurtengo second line-a. Musika beltza, eta haren zentzu politiko askatzailea izango da bertaratzen direnen oinatzetan: bizitza delako handiena, eta ospatu behar. Eta himnoak festak ekarri beharko ditu. Eta alderantziz, noski.
news
argia-644b94da3165
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/aurrean-ditugun-arren-ez-ditugu-ikusten.html
Aurrean ditugun arren ez ditugu ikusten
Arritokieta Ortuzar
2018-05-06 00:00:00
Aurrean ditugun arren ez ditugu ikusten Edonora begiratuta ere, beti aurkituko duzu landareren bat zure inguruan. Euskal Herrian 3.500 espezie ditugu; horietatik 225 mehatxupean. Belaunaldiz belaunaldi, ordea, landareekiko interesa eta ezagutza murrizten joan da gure gizartean, eta egun, kosta egiten zaigu inguruan ditugun landare arruntenei izena jartzea. 2001ean eginiko ikerketan, Wandersee eta Schussler botanikariek gauza bera ondorioztatu zuten Amerikako Estatu Batuetan; eta izena jarri zioten gertatzen ari zenari: plant blindness, landareekiko itsutasuna. Euskal Herrian egindako ikerketak agerian jarri du ikasle eta irakasleen ezagutza maila. Hezkuntza formalean, Curriculumak dioenaren arabera, ikasleek bere ingurunearen oinarrizko ezagutza eta kontaktua edukitzea ezinbestekoa da; hori da eskolan irakatsi beharrekoa. Ordea, eduki horiek barneratzea zaila suertatzen da faunarekiko eta florarekiko ezagutzarik eta interesik ez badugu. Hainbat ikerketen arabera, irakasleek animaliekiko dute zaletasun handiagoa, eta eskolan animalien munduari askoz denbora gehiago eskaintzen zaio landareei baino. Horrek landareekiko interesik eza ekar dezake txikitatik. Baina, Euskal Herrian, zein da irakasleek eta ikasleek landareekiko duten interesa? Ezagutzen al dituzte inguruko landare arruntenak? Galdera horiei erantzuna emateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek osaturiko lantaldeak bi ikerketa jarri ditu martxan. Egungo egoeraren diagnosia burutu dute, hori egitea ezinbestekoa baita irakasleentzako eta ikasleentzako material didaktiko egokia sortu aurretik. Azterketa horretarako, 2016-2017 ikasturtean Euskal Herriko 26 ikastetxetan 12-14 urte arteko 1.040 ikasleri galdetegia egin zitzaien. Ikasleei naturarekiko duten interesari buruzko hainbat galdera egiteaz gain, 10 animalia eta landare izen jartzeko eskatu zitzaien, euren ezagutza-maila neurtzeko. Animaliei zegozkien datuak 2017-05-21eko ARGIAn eman genituen ezagutzera, Lehoia eta otsoa aurrez aurre. Ezagutzen al dituzte umeek bertako animalia arruntenak? erreportajean. Aldiz, landareenak ez dira gaur arte idatziz argitaratu. Aurten bertan Zientziaren eta Teknologiaren Hezkuntzari buruzko nazioarteko bi kongresutan aurkeztu dira. Irudian sagarrondoa, ikasleek gehien izendaturiko zuhaitzetako bat. Ordea, horrek ez du arbolaren ezagutza adierazten, fruitua da identifikatzen dutena. Arbola parean jarriz gero, agian ez lirateke identifikatzeko gai izango. Ume bakoitzak batez beste bertako 5 landare-izen dakizki Ikerketa horretan, ikasleek animaliekiko eta landareekiko, biekiko, interesa handia zutela adierazi zuten: %51k interes handia edo oso handia, eta oso gutxi ziren (%9) interes txikia edo oso txikia zutela ziotenak. Baina animaliak eta landareak alderatzeko orduan, landareekiko itsutasunaren zantzuak azaldu ziren ikasleen erantzunetan. Hau izan zen egin zitzaien galdera: Zeintzuk pizten dute interes gehien zugan, animaliek ala landareek? Ikasleen %76ak soilik animaliekiko hautua egin zuen eta %16ak animaliak eta landareak, biak zituen gustuko. Soilik landareak aukeratu zituztenak %3a baino ez ziren izan. Beste herrialde askotan ikusi den bezala, gurean ere umeek animaliekiko interes handiagoa dute. Wandersee eta Schusslerrek Amerikako Estatu Batuetan 2001ean ondorioztatu zuten moduan, landareekiko interes eza oso handia da, eta horrek, landareei arretarik ez jartzea dakar. Ezaugarri horiek, aldi berean, landareen ezagutza-maila baxua izatea eragiten dute. Ikerketarako, 10 landare-izen jartzeko eskatu zitzaien, eta galdetegia egin zuten 1.040 ikasleek, batez beste, 5,4 landare-izen idatzi zituzten Euskal Herriko ikasleek buruan dituzten landare-izenak jakin nahian, 10 landare-izen jartzeko eskatu zitzaien, eta galdetegia egin zuten 1.040ek, batez beste, 5,4 landare-izen idatzi zituzten. Emaitza horrek bat egiten du Suitzan egindako ikerketen emaitzekin. Landareak izendatzeko zailtasunak oso handiak dira. Ikasleek erantzundako landare-zerrendak informazio gehiago ere eman zuen: ikasleek batez beste aipaturiko 5,4 landareetatik 3,8 bertako landareak ziren. Herrialde baltikoetan egindako ikerketan ere, ume gehienek bertako espezie gehiago ezagutzen dituzte kanpokoak baino, baina Ingalaterran eta Alemanian ere ikusi den moduan, inguruko oso espezie gutxi izendatzeko kapazak dira; ezagutza baxua da. Ikasleen artean, herri txikienetakoek izendatu zituzten landare gehien (8,2 landare 10etik). Gainera, bertako landare gehien eurek izendatu zituzten (6,8 landare 10etik) Ikasleen artean, herri txikienetakoak (5.000 biztanle baino gutxiago) ziren landare gehien izendatu zituztenak (8,2 landare 10etik). Beraiek izan ziren, baita ere, bertako landare gehien izendatu zituztenak (6,8 landare 10etik). Herri txikienetan egunerokoan naturarekin kontaktua edukitzeko aukera handiagoa izanda, ezaugarri horrek ziurrenik izango du eragina bertako espezie-kopuru gehien izendatzeko orduan. Landareen artean, ikasleek gehien izendatu zituztenak jangarriak eta basatiak izan ziren, apaintzeko edo baso ustiaketarako erabiltzen direnen aurretik, nahiz eta gure lurraldearen laurdena basoz estalita egon. Espezie zuhaizkarak, bestalde, belarkarak edo zuhaixkak baino sarriago izan ziren izendatuak. Eskerrak Gernikako arbolari… Buruturiko ikerketetan, landa eremuko eta hirietako pertsonen ezagutza-mailen arteko aldea sakonago aztertu zen. Horretarako, Urdaibaiko Biosferaren erdian dagoen Gernika eta inguruko herrietako 45 ikaslek (Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak, 11-12 urtekoak) arbolei buruzko galdetegi berezi bat bete zuten. Horiez gain, Bilbo hiriko eskola bateko 53 ikasle (LHko 6. mailakoak) eta 18 irakasle (LHko 6. mailakoak; adina: 40 urte, batez beste) izan ziren galdetegia bete zutenak. Emaitzak ez du duda askorik sortzen: landareekiko itsutasuna iritsi da Euskal Herrira. Galdetegiaren atal batean 10 arbola espezieren izenak idazteko eskatu zitzaien. Gernikako ikasleen %42ak baino ez zituen eskaturiko 10 espezieak idatzi, eta denen artean, guztira, 29 arbola izendatu zituzten. Argentinan egindako ikerketa batek ere balio antzekoak eman zituen, eta ikasleen erdia baino gutxiago (%32) izan zen 10 landare izendatzeko gai. Gernikako eskolan, izendatuenen artean izan ziren haritza (%91ak izendatua), sagarrondoa (%84) eta pinua (%80). "Gernikako arbola" ezaguna haritza izanda, ez da harritzekoa bertako umeek espezie hori izendatu izana gehien. Kellert-ek ondorioztatu zuen moduan, horrek aditzera ematen du animalia eta landareen ezagutzan sinbologiak ere baduela indarra. Izan ere, Gernikako arbolarik gabe, zenbat ume gernikarrek ezagutuko zuten haritza? Bilboko ikasleen kasuan, ostera, 20 izan ziren guztira zerrendaturiko espezieak, eta ikasleen %6ak baino ez zituen 10 zuhaitz izendatu. Aipatuenen artean, batez ere fruitu-arbolak agertzen dira, baina kasu honetan, Gernikan ez bezala, haritza izendatuenen hirugarren tokian azaltzen da: sagarrondoa (%70eko izendapenarekin), pinua (%60), eta haritza eta laranjondoa (%43) dira errepikatuenak. Ikasleen artean, fruitu-arbolak oso ezagunak dira. Patrick eta Tunnicliffen emaitzen arabera, ordea, fruitu-arbolak izendatzeak ez du arbolaren ezagutza adierazten, baizik fruitua identifikatzen dutela. Arbola parean jarriz gero, agian ez lirateke identifikatzeko gai izango. Zuhaitz-espezie gehien izendatu zituztenak irakasleak izan ziren; guztira 33. Maisu eta maistren artean %67ak 10 espezieak zerrendatu zituen, baina kasu honetan lehendabiziko hiruetan agertzen ziren espezieak ikasleekiko ezberdinak ziren: hurritza (%95ak izendatua), urkia (%81) eta palmondoa (%76). Pinua eta eukaliptoa,haritzaren aurretik Galdetegiaren bigarren zatian Bizkaiko 9 zuhaitz arruntenen irudiak erakutsiz, horiek identifikatzeko eskatu zitzaien: ametza ( Quercus pyrenaica ), haritza ( Quercus robur ), artea ( Quercus rotundifolia ), eukaliptoa ( Eucalyptus globulus ), haltza ( Alnus glutinos a), intsignis pinua ( Pinus radiata ), lizarra ( Fraxinus excelsior ), pagoa ( Fagus sylvatica ) eta urkia ( Betula celtiberica ). Jarritako 9 zuhaitzen irudietatik, batez beste 2 izan ziren irakasleek zein ikasleek ondo identifikatu zituztenak. Alderatzeko orduan, ez zen ezberdintasun nabarmenik ikusi irakasleen eta ikasleen ezagutza-mailan. Ikasleen artean, ordea, Gernikakoek zuhaitz gehiago identifikatu zituzten (2,3), Bilbokoekin alderatuz (0,8). Bien kasuan mailak baxuak badira ere, animalien ezagutzari buruz egin zuten ikerketak eta Finlandian egindakoek erakutsi duten bezala, litekeena da bizilekuaren tamainak bertako biztanleek naturarekin duten harremanean eragina izatea. Gernikako ikasleetako asko inguruko herri txikietakoak dira eta natura gertuago dute egunerokoan. Ikerketa horien arabera, landa-eremuko umeek animalia eta landareak identifikatzeko gaitasun handiagoa dute. Pinua izan zen ikasleek gehien ezagutu zutena, %91 eta %64ko emaitzekin Gernikan eta Bilbon, hurrenez hurren. Gernikako ikasleen %87ak identifikatu zuen eukaliptoa (Bilbokoen %14ak) Nabarmentzekoa da, bestalde, ondo identifikaturiko zuhaitzen artean pinua izatea ikasleek gehien ezagutu zutena, %91 eta %64ko emaitzekin Gernikan eta Bilbon, hurrenez hurren. Azpimarratzekoa da baita ere, Gernikako ikasleen %87ak identifikatu zuela eukaliptoa (Bilbokoen %14ak). Irakasleen artean ere pinua izan zen gehien identifikatu zuten zuhaitza; %100ak ezagutu zuen. Emaitza hauek egun Bizkaiko paisaia denaren isla baino ez dira. Izan ere, 600 metrotik beherako lurren laurdena pinuak estaltzen du, eta itsasertzeko lurretan (Gernika dagoen ingurunean, esaterako), azken urteetan eukalipto landaketek nabarmen egin dute gora. Horiek izanik egunerokoan ikusten dituzten espezieak, Patrick eta Tunnicliffek 2011n ondorioztatu zuten bezala, ez da harritzekoa landare horiek izatea gehien ezagutzen dituztenak. Horrez gain, pinuen azikulen (hostoen) forma bereizgarriak, arbola honen identifikazioa asko errazten du. Ikasleen %90ak baino gehiagok ez ditu identifikatu lizarra, haltza, pagoa, urkia eta artea Arreta deitzen du pinua, eukaliptoa eta haritza izan direla identifikatu dituztenak. Hiru hauetako bakarra da bertakoa, eta beste biak kanpotik ekarriak. Era berean, bertako arbola arruntenen identifikazio-mailak oso baxuak izan dira. Ikasleen %90ak baino gehiagok ez ditu identifikatu lizarra, haltza, pagoa, urkia eta artea. Haritzaren kasuan, Gernikakoen %53a baino ez zen landarea identifikatzeko gai izan, nahiz eta izendatzeko orduan, %91ak izendatu zuen. Bilboko ikasleen artean,  bakarrak identifikatu zuen haritza, eta irakasleen herenak baino ez. Azken hauen kasuan, pagoa ezagutu zuen irakasle bakarra egon zen. Ametza eta haltza ezagutu zuen irakaslerik ez zen egon. Irakasleen formazioaren eta material egokiaren beharra Buruturiko ikerketek agerian jartzen dute Euskal Herrian ere badela landareekiko itsutasuna. Landare ezagutza eta interesa horren baxuak izateak, badauzka bere ondorioak. Lindemann-Matthies-ek 2011n, edota Gaston eta Spicer-ek 2004an ondorioztatu zuten moduan, espezieen ezagutza, naturarekiko interesarekin batera, funtsezko faktorea da ingurumenaren, biodibertsitatearen zein garapen jasangarriaren alorreko kontuetan ulermena sustatzeko. Hezkuntza curriculumean agertzen diren helburuak era egokian bete nahi badira, ezinbestekoa da interesan eta ezagutzan arreta jartzea eskolak emateko orduan. Bioaniztasunari eta ekosistemen ekologiari buruzko oinarrizko ezagutza izateak eta hurbileko ingurumenean oinarrituriko material didaktikoa edukitzeak asko lagunduko lituzke irakasleak, bai edukiak transmititzeko, bai eskolak diseinatzeko ere.   BI BELAUNALDITAN URRITU ZAIGUN EZAGUTZA Europa mailan egindako hainbat ikerketek diote azken hamarkadetan naturari loturiko ezagutzaren beherakada handia izan dela. Zantzu guztien arabera, gurean ere landare-ezagutza murriztu egin da. Baina ikerketarik gabe, nola ziurtatu? Burbunak eta etsayak proiektuan 2012-2013 urteetan Hernaniko 60-90 urte arteko 10 pertsonari egindako landare ezagutzari buruzko elkarrizketek, pertsona horien ezagutza-maila altua erakutsi zuten. Etxetik jasotako ezagutza zuten, eta batez beste inguruko 68 landare belarkara (zuhaitzak eta zuhaixkak kontuan izan gabe) izendatu zituzten. Elkarrizketaturikoen lagina txikia izan bazen ere, belaunaldi zaharrenek oraindik ere duten ezagutzari buruzko erreferentzia ona izan daiteke. * "Burbunak eta etsayak"DVDa erraz eskuratzeko aukera dugu Argiaren Azokan .
news
argia-2cca38dc1c29
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/injustiziaren-basatzan.html
Injustiziaren basatzan
Bixente Serrano Izko
2018-05-13 00:00:00
Injustiziaren basatzan Justizia sistema bereziak bereziki asmatuak izan ohi dira injustiziaren prozedurak ahalbidetzeko (eta gaitz erdi, horrek erran nahi izanen balu justizia sistema ohikoak justuak direla!). Egun hauetan Auzitegi Nazional deiturikoak eta Goreneko Auzitegiak, pil-pilean ditugun espartzuzko testuradun bi bakailao horiek, injustiziaren prozeduren muina azaleratu dute, Altsasuko gazte eta Kataluniako subiranistak hizpide. Prozedura berezien muina ez ezik, prozedurek beraiek haien bultzatzaile eta sostengatzaileei sortzen dizkieten arazoak ere nabarmendu dituzte, era berezian nabarmendu ere. Ez baita lan erraza parranda gau bateko alkoholaren demasa bat terrorismo delitu bihurtzea. Buru- eta luma-finezia aparta behar dute epaileek horrelako operazioa egiteko, direnak direla ibili nahi dituzten algoritmoak. Hain zuzen ere, justizia prozedura bereziek menosten dituzten fineziak, horretarako baitaude. Hortaz, profesionaltasun aldetik, estimu gutxitan izan behar du epaile batek bere burua enpeinu horretan tematzeko: justizia egile baino, borrero izan nahiago baitu. Bada autodegradazioa! Agian, burutuko du bere borrero funtzioa, baina ez du lortuko azkenean epaile gisa tente eramateko domina duinik: kenduko diote ohorezko medaila goiz ala berandu (betiere berandu) bere epaiketa epaituko duen bertze epaitegi batek. Berez, defentsa berme gutxien duen auzitegian jokatu nahi izan zukeenaren legez mugitzen ari da Pablo Llarena, injustizia egiteko propio sorturiko epaitegi batek jokatuko lukeen maneran Altsasuko gazteena, auzitegi berezi bati inola ere ez dagokion kasua da, Kataluniakoa ez bezala: bertzelako berezitasunik duen Goreneko Auzitegiari dagokiona da hau, itxura osoz, nahiz eta saiatu, saiatu egin den injustiziak egiteko propio paratu zen auzitegiaren eskuetan jartzen. Ezin izan dute lortu, forupekoak direnez auzipeturiko batzuk. Halere, berez defentsa berme gutxien duen auzitegian jokatu nahi izan zukeenaren legez mugitzen ari da Pablo Llarena, injustizia egiteko propio sorturiko epaitegi batek jokatuko lukeen maneran. Eta hor sartu da bete-betean lokatzezko zoruetan. Kontraerran lohituetan, kontu politiko huts bat justizia egileen eskuetan jarri izanak ezinbertzez ekartzen dituen kontraerranetan. Izan ere, gauzak dauden moduan, epailearen helburu eta grina berberak dituzten politikariek, zeinen eskuetan zegoen oso-osorik diru publikoaren kudeaketa, ezin dute aitortu diru horren bidegabeko erabilera, euren burua salatuko ez badute. Konponbide zaila dute Pablo Llarena eta Cristobal Montororen arteko kontraerranek. Azken buruan, auzi politikoak justizia auzitzat kosta ahala kosta jo nahiak maila goreneko auzi politiko bihurtzen du injustizia grina tematia, zigor berberak ezarri nahi dituztenen arteko auzi politiko instituzional. Euren basatzan itotzen ari dira.
news
argia-16c87eba099f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/edward-chu.html
"Gizon zuriek indiar emakumeen aurka egindako sexu delituak zigorgabe geratzen dira"
Igone Mariezkurrena
2018-05-13 00:00:00
"Gizon zuriek indiar emakumeen aurka egindako sexu delituak zigorgabe geratzen dira" Edward Chu (Kaliforniako Santa Rosa, AEB, 1974) mediku eta antropologoak navajo indiarrak artatzen ditu Tuba City (Arizona)  hiriko ospitalean, Regional Health Care Corporation-en bitartekaritzaz. Gizarte begirada eta ikuspegi klinikoa uztartuz ehuntzen du bere lana. Connecticut, Boston eta Baltimore artean hazi eta ikasi zenuen. Baina ia 3.500 kilometrora, AEBetako beste muturrean, Arizonako basamortu erdian lan egitea erabaki duzu, Navajo nazioko kokagune handienean. Zergatik? AEBetako osasun sistema, herritarrentzat ez ezik, medikuntza soziala egin nahi dugun profesionalontzat ere izugarri frustragarria da. Amerindiarren erreserba batean aritzeak, ordea, baldintza sozio-ekonomikoek hiritarren osasunean duten inpaktua ulertzeko gakoak ematen dizkigu egunero. Komunitate-osasunaren alde eragiteko leku aproposa da. Zergatik diozu medikuentzat ere sistema atsekabegarria dela? Imajinatu urgentzietan aritzen zarela, diabetes krisi betean iritsi den gaixoa egonkortzea lortu eta alta emanda etxera bidaltzen duzula. Badakizu egun gutxira ospitalean izango duzula berriz ere, ez duelako dirurik intsulina tratamendua ordaintzeko, ez daukalako asegururik edo ordaintzen duen aseguruak ez duelako horrelakorik barne hartzen. AEBetako gainerako herritarrekin alderatuta, zer nolako osasunerako sarbidea dute jatorrizko herriek? Antzeko egoera sozioekonomikoetan bizi diren estatubatuarrekin alderatuta, pribilegiatuak dira; erreserba barruan bizi eta jatorrizko tribu bateko kide direla frogatzerik badute behintzat, zerbitzu medikoa ordaintzetik salbuetsita daudelako. Pribilegioa erlatiboa da noski, Gobernu Federalak jatorrizko indiar hauetako bakoitzarentzat estimatutako aurrekontua ez delako iristen aseguru pribatua duen hiritar estatubatuar arrunt batek horretan inbertitzen duen kopuruaren erdira ere eta, beraz, zerbitzu oso oinarrizkoa jasotzen dutelako. Baina, era berean, eta kontuan hartuta Tuba Cityn adibidez langabezia-tasa %50ekoa dela, salbuespen horri esker ez balitz, populazioaren gehiengoak ez luke inongo estaldurarik izango. Orain egoera askoz kaskarragoan daude hiritartasuna ez duten etorkinak. Zergatik? 2015ean Obamak derrigorrezko bilakatu zuen hiritar orok osasun asegurua edukitzea, eta honek barne hartu beharreko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen erreforma harekin. Gutxieneko horiek ordaintzerik ez zuten hiritarrei zuzenduriko diru-laguntza sistema oso bat ere jarri zuen martxan. Kanpaina mediatikoak ez zuen kontatu, baina, diru-laguntza horietarako dirua ordura arte GKEetara eta karitate klinika publikoeta bideratzen zela eta, ondorioz, haien onuradun ziren hiritartasunik gabeko etorkinak babesgabe geratu direla. Ba al dago bestelako mugarik navajoei eta gainontzeko jatorrizko tribuei zuzenean erasaten diena? Obamaren erreformari lotutako diru-laguntza sistema berriak ehunka mila paziente sartu zituen osasun sistemara bat-batean. Aldiz, gutxienez zortzi urte beharko ditugu sendagile eta erizain berriak formatu eta hauek sistemara gehitzeko. Ondorioz, muga ekonomikoa gainditzea lortu duten gaixo askok ganorazko arreta jaso gabe jarraitzen dute, hain justu, profesionalak falta direlako. Argazkia: Igone Mariezkurrena Baina honek zergatik eragiten die indiarrei gainontzeko hiritarrei baino nabarmenago? Tira, oro har, hiri nagusietatik urruneko nekazalguneetan bizi diren guztiei eragiten die, leku hauetan are larriagoa delako giza-baliabideen eskasia, baita anbulantzia eta bestelako baliabide materialena ere. Baina indiarrak beste inor baino isolatuago bizi dira, Gobernu Federalak jatorrizko tribuei aitortu zizkien eremuak, erreserbak alegia, kasu gehienetan ez daudelako euren berezko lurretan, baizik eta Gobernuarentzat interes handirik ez zuten eremu pobre, antzu eta garatugabeetan. Irisgarritasun eskaseko esparruetara desplazatu zituzten, hiriguneetatik urrun daude, eta osasun sistematik ere bai hortaz. Zeintzuk dira Tuba City erreserban maizen artatzen dituzuen patologiak eta zer lotura dute navajoen bizimoduarekin? Gaitz larri gehien-gehienak langabeziak eragindako alkoholismoarekin, sedentarismoarekin eta gizentasunarekin lotutakoak dira: diabetesa, gibeleko patologiak eta kardiobaskularrak nagusiki. Batez ere 20–40 urte bitarteko belaunaldiei eragiten die, zaharragoek dieta tradizionalari eusten diotelako oraindik eta, oro har, bizitza aktiboagoa egiten dutelako, ur bila edota egur bila joatearen ardurari ere eutsi diotelako. Bestalde, indarkeria maila izugarri altua da erreserban, kasik familia guztiek galdu dute kideren bat, eta erailketa horiek ezagunen artean gertatzen dira gainera, bereziki lagun, ahizpa-anaia edo lehengusu-lehengusinen artean, baita bikotekideen artean ere, bi norabideetan. Elkarrekin edateko geratzen dira, mozkortu eta borrokan amaitzen dute. "Gaitz larri gehien-gehienak langabeziak eragindako alkoholismoarekin, sedentarismoarekin eta gizentasunarekin lotutakoak izaten dira: diabetesa, gibeleko patologiak eta kardiobaskularrak nagusiki" Sexu indarkeria ere ohikoa al da? Bai. Hamabost bat urte dituztelarik neskatxak gauez ateratzen hastearekin batera, bortxaketen biktima izaten hasten dira. Erasotzaileak, maiz, erreserba kanpoko gizon zuriak izaten dira. Navajo Gobernuak onartutako legeak navajoengan bakarrik dira aplikagarriak eta, aldi berean, zigor-kode federalak ezin ditu zigortu Navajo Gobernuaren eskumenekoa den eremuan gertatutako delituak. Hortaz, gizon zuriek indiar erreserbetan eta indiar emakumeen aurka egindako sexu delituak linbo legal batean geratzen dira, zigorgabe. AEBetan nahiko zabaldua den uste batek dio alkoholak eragin azkarragoa eta handiagoa duela indiarrengan, eta arrazoi genetiko berberarengatik menpekotasunerako joera handiagoa dutela. Uste oso zabaldua da, bai. Baina urtetako esperientziak erakutsi dit hau arazo sozio-ekonomikoa dela, ez kulturala, eta antzeko baldintzatan bizi diren estatubatuar zuriek ere jotzen dutela alkohol nahiz drogetara frustrazioaren aurkako baltsamo gisa. Kontua da Gobernuak eremu bereziki gogorretara desplazatu zituela jatorrizko tribuak, kasu askotan basamortu erdira. Tuba Cityn, esate baterako, supermerkatu bat eta fast food jatetxe bat besterik ez dago. Orain bi urte zine txiki bat zabaldu zuten, baina umeek eta nerabeek ez dute aisialdirako beste alternatibarik. Eta zertaz bizi dira? Tradizionalki nekazaritza eta abeltzaintza izan dira navajoen ekonomiaren zutabeak. Lurrak Gobernu indiarrarenak berarenak dira, eta bera arduratzen da familia bakoitzari sail bat edo beste egokitzeaz. Ur-iturriren bat duten lursailetan bizi direnek ardiak, behiak, zaldiak... hazten dituzte, eta nahiko ongi bizi dira, alkoholismo arazorik gabe. Baina Gobernu indiarraren barruan ere ustelkeria itzela da eta, beraz, lurren banaketa faboritismotan eta mesede-truketan oinarritu ohi da. Ikatz meategi bat ere badago, baina honek eskaintzen duen lanpostu kopurua txikiegia da 8.500 biztanletik gorako populazio batentzat, eta horregatik askok armadan ematen dute izena, soldata ez ezik hezkuntza ere jasotzeko. 2014an Gobernu Federalak 554 milioi dolarreko konpentsazio-akordioa sinatu zuen Navajo Gobernuarekin, natura-baliabideen kudeaketa txarragatik. Zer gertatu da diru horrekin? Gobernuak komunitate indigena bati egin dion inoizko konpentsazio ekonomiko handiena izan zen, historikoa. Eta ustez Navajo Gobernuak kobratua du. Baina ez dirudi herritarrengana iritsi denik. Familia asko zolatu gabeko etxeetan bizi da oraindik, argindarrik eta urik gabe; eta honek, jakina, eragin zuzena du euren higienean, osasunean eta bizi kalitatean. Ez daukate zauriak garbitzeko modurik, adibidez. Edo, esate baterako, gurpildun aulkia edota ibiltzen laguntzeko eskorga behar dutenak nekez mugi daitezke kalean zein etxe barruan. Bestalde, nahiz eta egunerokoan navajoek ez duten ez tabakorik ez beste ezer erretzen, pipa zeremonia berezietarako bakarrik gordetzen dutelako, asmadun ume asko artatzen dugu, eta biriketako beste zenbait arazo duten helduak ere bai, su-egurra erabiltzen dutelako sukaldean, etxea berotzeko edota zaborra erretzeko. Argazkia: Navajo Times Trump-ek Standing Rock-eko (Ipar Dakota) lur sakratuen barruan eraiki nahi duen oliobidearen aurka altxatu zen Sioux Nazioa 2016an. Beste tribu batzuk ere batu ziren protestetara eta, proiektua geldiaraztea ez ezik, amerindiarren eta hauen eskubideen auzia aspaldiko partez ikusaraztea lortu zuten. Bai. Ekimen hark jatorrizko herriak ez ezik, ekologistak, politikariak, gerra beterano zenbait eta Hollywoodeko izarren bat ere engaiatzea lortu zuen. Une batez lehen planoan egon ziren, baina azkar erori dira ahanzturan berriro ere. AEBetako hiritar gehien-gehienek ez dakite ezer bertako jatorrizko herrien historiaz, kulturaz, eskubideez ezta gaur egungo bizi-baldintza kaskarrez ere. Gutxiengo txiki-txikia dira, inork ez ditu bere diskurtso politikoan aipatzen. Kirol talde batzuek indiarren irudia maskota bezala erabiltzen dute, eta gainerakoan... kasinoen jabeak direlako ezagutzen dituzte, erreserbetan kasinoak legezkoak direlako. Nolakoa da medikuntza mendebaldarraren eta navajoen medikuntza tradizionalaren arteko harremana Tuba City erreserban? Navajoek nahiko indartsu gorde dituzte euren kultura, hizkuntza, usadioak eta baita medikuntza tradizionala ere. Hortaz, erreserbako ospitalean badugu Hogan izeneko espazio bat –Hogan da navajoen etxe tradizionalen izena–, tribuko xamanek bertan egin ditzaten euren zeremoniak, ingresatuta dagoen edozein gaixok hala eskatuz gero. Batez ere birgizarteratze errituak eta kantak izaten dira, navajoek sinesten dutelako gaixoaren eta bere medioaren arteko deskonexio edo oreka falta baten ondorioa direla gaitzak. Zeremonia horietan, normalean, gaixoaren familia osoak ere parte hartu behar izaten du eta, hortaz, medikuntza mendebaldarrak aintzat hartzen ez duen osagai sozialari garrantzia handia aitortzen zaio. Horregatik, alkoholismoaren ondorioz hautsitako familiak sendatzeko oso baliagarria izaten da, adibidez. Bestalde, ospitaleko teknikariak navajoak dira %100ean, eta erizainen %50 ere bai. Izatez, beste lan-irtenbide garrantzitsu bat da ospitalea eurentzat. Medikuak, aldiz, oso gutxi dira oraindik.
news
argia-c68c3b58a324
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/zirrara-eta-musika.html
Zirrara eta musika
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-05-13 00:00:00
Zirrara eta musika Jakin-min ikaragarria sortu zuen Calixto Bieitok zuzendutako Bach-en Johannes-Passion oratorioak Arriaga Antzokian. Obra ederrenetako bat dugu, indartsua, sakona, Martin Luterok egindako Bibliaren itzulpenean oinarrituta. Baina ez genuen topatu erreferentziazko bertsio arrunt bat. Aldez aurretik esan behar dut kritika hau oso pertsonala izango dela, eta esango dudanak ez duela zalantzan jartzen eskainitako apustuaren kalitatea edo berrikuntza saiakera txalogarria. Izan ere, begi-bistan zegoen publikoarengana iritsi zela obraren mamia edo mezua eta hori da helburu garrantzitsuenetako bat espektakulu guztietan. Esandakoarekin, konturatu zarete ez zitzaidala bereziki gustatu ikusi eta entzundakoa. Nahiz eta aitortu meritu handiko ikuskizuna zela, entzule edo publiko bezala, ez nekien zertan zentratu horren aurrean. Suposatzen da antzezpenarekin lortu nahi zena zen Bach-en  musikak adierazi nahi duen pasio bortitz hori aurre-aurrean ipintzea, Johannes-Passion obrak duen samurtasuna ezkutatuz. Eta, zakarkeri edo baldarkeri punttu batekin topatu ginen, ezinegona transmitituz. Ez dakit beharrezkoa zen, eta ez mindulinkeriagatik, baizik eta ezinezkoa zelako arreta mantentzea benetan garrantzitsua den alderdian: musikan. Bestalde, gogoeta bat utzi nahiko nuke: Bach-en musikak ez du indar nahikorik? Gehigarri horiek behar al ditu? Ez dut uste. Edo, publikoak halakorik behar du Bach-en mamira iristeko? Horretan, bai, zalantzak ditut. Hau guztia esanda, Arriaga Antzokiko akustika lehorra alde batera utzita, emaitza musikala benetan duina izan zen. Bakarlariek ongi bete zituzten beren paperak, nahiz eta askotan oso konplikatua zen ahotsa ederki kolokatzea etzanda, makurtuta edo holako postura zailetan. Joshua Ellicott tenoreak Evangelista akatsgabea egin zuen, adierazkorra, eta James Newby tenorearekin batera, bakarlari onenak izan ziren saio honetan. Newby gazteak interpretazio izugarria egin zuen, sakona eta sinesgarria. Aktuazio konbentzigarria egin zuten baita ere Jonathan McGovern baxuak, Pilatos-en rolean, eta Carlos Menak. Berit Norbakken Solset soprano norvegiarra distiraz aritu zen. Bilboko Opera Koruak garrantzi eszeniko inportantea izan zuen, eta adorez bete zuten lana. Bilbao Orkestra Sinfonikoa, berriz, doia iritsi zitzaigun.
news
argia-f2f86d2e9b0d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/besteenak-ere-badirenak.html
Besteenak ere badirenak
Xabier Etxaniz Erle
2018-05-13 00:00:00
Besteenak ere badirenak Baratxuri, Zapatari txikia, Txoritxoaren arrautza, Erregea eta gatza, Errotariaren txakurra eta Txori kantaria. Horiexek dira, bost horiek, Juan Kruz Igerabidek jaso eta moldatu dituen ipuinak bilduma berri honetarako. "Ipuinak munduan bizi dira, herrialde batetik bestera mugituz, hizkuntza batetik bestera eraldatuz, laburtuz, luzatuz, beste ipuin batzuekin nahasiz". Hauxe da liburuaren hitzaurreko lehen esaldia, eta herri ipuinen jatorri aberats bezain ugariaren berri ematen diguna. Eta aurrerago, hitzaurre horretan onartzen duen bezala, ipuin hauek "gure etxean kontatzen ditugun moduan daude idatziak", jakinda ipuinon aldaera ugari egon daitezkeela. Erregea eta gatza ipuinaren bertsioen artean bada Joxe Arratibelek eskuratu zigun Marixor ezaguna, esaterako. Azken honetan, hitzaurrean adierazi bezala, "haren jantzia hasieran lihozkoa zen, gero zilarrezkoa, eta azkenik urrezkoa, umea emakume bihurtzeko aldaketa psikologikoa zehatzago irudikatuz". Ez naiz hemen arituko bost herri ipuin hauek komentatzen, gomendagarriak dira eta gure kultura hobeto ezagutzeko balio izateaz gain, gureak izateaz gain besteenak ere badira. Garrantzitsuagoa iruditzen zait, hemen bederen, ipuin hauen kontakizuna nola aurkezten zaigun liburu honetan. Alde batetik idazlearen ekarpena dugu, kontakizuna gaurkotuz eta erraztuz, amaierako formulak landuz, ipuinaren amaieran ageri diren esaldi horiek ederki landuz. Izan ere, aipatzekoak dira Igerabidek egindako hautaketak eta kontakizunak. Bestetik, azpimarragarria da Elena Odriozolak ilustrazioetan egindako lana. Lau orriren neurriko irudi klasikoak, Aurelio Arteta Errasti ilustratzailearen airea duten irudi berrituak, guztietan keinu, ukitu propioa nabari baita jolas batean bageunde bezala. Literatura horixe baita, jolasa, disfrutatzea, ondo pasatzeko unea. Irakurtzeko kontu errazak aurkezten zaizkigu liburu honetan, ozenki irakurtzeko modukoak, gure tradizioan murgiltzeko bidea erakusten diguten istorio eta ilustrazioen bidez irakurlea une atseginera eramango duten kontakizunak. Eta Juan Kruz Igerabidek hitzaurrean dioen bezala, "hegan egin dezatela zure irudimenean barrena, eta ernaldu bitez zure lurrean".
news
argia-2885e0edfa0e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/titulitisa.html
Titulitisa
Leire Narbaiza Arizmendi
2018-05-13 00:00:00
Titulitisa Inguruan opositore mordoa daukat, oposizioetan (ez oposaketetan, mesedez!) izena emanda dutenak. Euretako asko ikastarorik ikastaro dabiltza, dezimatxo batzuk emango dien titulutxoaren bila, curriculuma gizentze aldera. Eta horrela dihardute azterketa etengabean: IT txartelak, ontzi-patroi titulua, lehen laguntzetako ikastaroa, jaki-manipulatzaile karneta… Helburua beti papera, jakitea ez hainbeste. Hainbat ere, gehiengoa ez esateagatik, horregatik datoz euskaltegietara, hizkuntza eskakizun bila; azterketa egitera, alegia. Euskara beharrean, tituluen hizki-zenbaki zopa baino ez dute nahi.          Badakit, oraintxe "nire eskuetatik" pasatu diren ikasleetako batzuek profila lortuko dutena, baina euskaraz ez dutena inoiz jardungo. Tristea eta penagarria. Jakin, agian bai; egin, inoiz ez. Hori da gure panorama: agiriak baino ez du inporta. Papera edukitzea, alajaina. Gai garen aitortutakoa erabiltzeko, bost axola, beraz. Mataza bereko haria da Madrilgo presidentearen ustezko masterrarena. Ziurtagiri hutsen balio hanpatua nabarmentzeaz gain, erakutsi du eraikitako sistema azaluts eta hankamotza dela. Jakintzak ez, tituluak du pisua. Horregatik, iruzurra baino kezkagarriagoa da titulitis zikina!
news
argia-6080c8c957c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/emantzipazioaren-auzian.html
Emantzipazioaren auzian
Irati Elorrieta
2018-05-13 00:00:00
Emantzipazioaren auzian Garuna gordetzeko dugun maletan fragile pegatina itsatsita hasi beharko genuke gure bidaia. Baina ez da hori izaten etxetik irtetean nagusitzen den sentipena. Bestela, ez genuke egingo. Urte onak izan ziren, oso onak. Baina lagungarria izan da zailak ere izan zirela ulertzea: ez baita garai erraza. Psikearentzat bereziki hauskorrak dira 25era arteko urteak. Erabakiak hartzeko eta nia-ren garapenerako garrantzitsua den burmuinaren atala heldutasunera iritsi baino askoz ere lehenago aukeratutako ikasketak bukatuta, edo artean bukatu gabe: lehen lanak, lehen etxebizitza propioa alokairuan, non eta norekin... Hori dena itxura onean egin ahal izateko, beldurra, egin gabe uzten dugun ohe azpian ondo gordeta behar dugu. EAEko gazteei emantzipaziorako pausu hori emateko laguntza ekonomikoa emango die Eusko Jaurlaritzak. Egia ote, gazte askok ez duela amatxo -ren etxea utzi nahi? Harena baino, sarritan bi gurasoena izaten den etxetik irteteko motibaziorik handiena larrutan lasai egiteko leku bat izatea omen da. Ez zait lotsatzeko moduko motiboa iruditzen. Baina Euskal Herrian horretarako aukera gutxi omen dagoenez, ez omen du merezi alokairua ordaindu, etxearen garbiketaz arduratu eta gaizki jaten ibiltzeak. Epe erdira, zenbait topikoren egiazkotasuna frogatzeko datuak eman ditzake programa horrek. Oraingoz, piztu du interesa: 2019ra arte indarrean sartuko ez den neurriak arreta zerbitzuak kolapsatu ditu. 23 eta 35 urtekoen artean, muga baten eta bestearen arteko zirrikituan kabitzen zaretenon artean, ahal duenak har dezala laguntza. Baina ez hartu serioegi hiru urtetan lagundu ondoren alla kuidaus esaten dizuen hori. Hegoekin bizi ondoren, kalkuluak egin beharko dituzue, eta ziurrenez ez dira izango merezi izan duten orgasmoenak. Kalkuluak gaizki ateraz gero, akaso gurasoen etxera bueltatzea egokituko zaizue. Nire hasierako ibilaldietan alde ekonomikoa ez zen zaila izan. Alokairu merkeak zituen hiri batean lur hartu bainuen, hiria garapen bidean zegoen eta ni ere bai. Garai haietako hanka sartzeek salbatu naute, sendabidean jarri ninduten. Izena aldatu ez duen arren, beste hiri batean bizi naiz orain. Alokairuen prezioei jarraituz auzoz aldatu nintzenean, ez nintzen konturatu zer ari nintzen galtzen. Auzoa galdu nuen, auzoan nituen harremanak galdu nituen. Berlin zaharrari, 6,20 Euro/m² dioen hilarria jarri diote martxoan. Horren erdia ordaintzen genuen guk! Prezio haietako etxebizitzak desagertu direla argi dago. Desagertu ez direnak barruan bizi zirenak dira. Hilarria jarri eta gutxira irudi bat utzi du hiriburu heterodoxo honek: 13.000 pertsona kalean, euritan, alokatzeko eskaintzen den pisua ikusteko itxaroten ari den ilara luze-luzea. Manifestari haiei begira jarrita, hantxe ikusi nituen denak: bistaz galdutako auzokideak, bidaideak, haien maitale izandakoak. Berpiztuta. Edo inoiz hil gabe. Melankonia sentitu nuen, eta ez nuen nahi. Irudi horrek esperantza izpi baten ikur ia errebeldea ere bazuela esan nion neure buruari. Alokairuetarako laguntzak baziren orduan eta badira gaur ere. Baina ez dute balio laguntzek markatzen duten preziotik beherako etxeak topatzea ezinezko bihurtu denean, laguntza behar dutenek etxebizitza baten kontratua lortzeko pasatu behar den casting-ean aukerarik ez dutenean, aste beterako datozenekin finko bizi direnekin baino negozio tentagarriagoa egin daitekeenean. Laguntzak behar dira. Baina ez dute balio merkatua txoratzea galarazteko.
news
argia-75f8d0c34f18
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/gaixotasun-zeliakoa.html
Zer jan eta zer ez, hori da kontua
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2018-05-06 00:00:00
Zer jan eta zer ez, hori da kontua Hesteetako arazoa da zeliakia. Glutena digeritzeko zailtasunak dituenak pairatzen du. Gaixotasun kronikoa da eta sendagai bakarra betierekoa izango den elikadura zaintzea da. "30 urterekin osasuna kaskartzen hasi zitzaidan. Ia egunero tripako mina nuen eta beherakoa. Pisua galdu eta galdu hasi nintzen. 38 urterekin 36 kilo pisatzen nituen eta oraindik ez nekien zeliakoa nintzela". Hala kontatu digu Edurne Egilegorrek, duela hogei urtetik zeliakoa denak.  Gaixotasunak oinarri genetikoa dauka eta genea daramatenek bizitzako edozein momentutan gara dezakete edo inoiz ere ez. Europan 100 pertsonatik batek du, baina %75 diagnostikatu gabe dago. Ohikoak diren odol analisiak ez dira beti nahikoa izaten. Markagailu inmunologiko positibo zehatz batzuek zeliakiaren susmoa piz dezakete, baina negatiboek ez dute gaixotasuna saihesten. Prozesua, ordea, hemen eteten dute askotan. Sinesgarria den proba bakarra hesteetako biopsia egitea litzateke.  "Asko kostatu zitzaien gaixotasuna eta, hortaz, tratamendua atzematea. Hasieran, beste gaitz batzuekin alderatzen zituzten sintomak: beherakoa, tripako mina, sabela puztea, goragalea, nekea, tristura, gosea eta pisua galtzea...". Egilegorren kasuan, elikadura eta klima aldaketari leporatu zioten, garai hartan atzerrira joatea izan zelakoan bere ezinegonaren arrazoia. Euskal Herrira 38 urterekin itzuli zen. Medikuarenera joan eta dieta garbia besterik ez zioten gomendatu. Bitartean pisua galtzen jarraitzen zuen. Iriologo batengana iritsi zen eta hark ireki zizkion begiak. "Hesteetako arazo bat daukazu, zeliakoa zarela esango nuke", esan zion. "Zer? Zeliakoa?", erantzun zion Egilegorrek. Hitz hori entzuten zuen lehenengo aldia zen. Han eta hemen galdetzen hasi zen. "Klinikara ere joan nintzen azterketa bat egitera. Minimoaren minimoan nengoela eta bi odol transfusio egiteko gomendatu zidaten. Ezetz esan nien. Ordurako jada ezagutza nuen eta dieta bidez sendatuko nintzela zin egin nion neure buruari", adierazi du. "Oso galduta" sentitu zela dio, baina dieta kontrolatuta izan eta gauza guztiak kontuan hartuta hamasei kilo gizentzea lortu zuen urtebetean. Lupa eskuan, betiere Dieta da, beraz, zeliakoak kontuan hartu behar duena. Irina da debekatutako osagai nagusia, baina Egilegorrek beste hainbat faktore ere aintzat hartu behar direla gaineratu du: "Kontserbagarriak, koloratzaileak, lodigarriak... Batzuetan, etxetik kanpo kafea hartzeak ere ezinegona sortzen digu, malta izan dezakeelakoan. Kalitate baxuko kafea erosten dutenek, malta gehitzen diote, eta hori ez dago inon idatzia. Patata tortilarekin ere gertatu zait. Arrautza gutxiago erabili eta patata igo dadin legamia bota izan diote eta guk ezin dugu hartu". Halakoetan etxera joan behar izaten dute azkar batean. Gorputza indarrik gabe eta txikituta sentitzen duela kontatu digu. Denbora behar du berriro ere ongi sentitzeko. Horrek guztiak mesfidantza sortzen diola gehitu du.  Aurrerapausuak eman diren galdetu diogu: "Fabrika eta jatetxeek glutenik gabeko produktu gehiago ekoizten dituzte. Baina, ez dakit benetan interesa arazoa bera den edo eskaintza handitzeko eta produktu berriak merkaturatzeko aitzakia. Produktuak oso garestiak baitira. Betiko irinak euro baten bueltako prezioa dauka eta zeliakoenak sei eurokoa. Halaber, olio eta gas gehiago xahutzen da, bi su erabiltzen baitira otordu bererako. Beste tratamendurik ez duen gaixotasun bat izateko gehiago egin daitekeela pentsatzen dut".  Etxekoen zein ingurukoen errespetua eta gaixotasunarekiko ezagutza handitu beharra ere azpimarratu du. Etxean bertan Egilegorrentzako produktuek soilik betetzen dute apal bat, eta horrek segurtasuna bermatzen du: "Irina eroriz gero lasai egon naiteke, badakidalako zeliakoentzako irina dela apal horretan erori dena. Begiratu gabe edozer hartu eta jan dezakedala dakit, beste guztiok egiten duzuen bezala. Garrantzitsua da ulertzea gaixotasuna dela eta ez bizitzeko modu bat, aukera edo gutizi bat".
news
argia-93dd98eaaa0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/porruaren-eulia.html
Porruaren eulia
Jakoba Errekondo
2018-05-06 00:00:00
Porruaren eulia Porruaren eulia ( Phytomyza gymnostoma ) Euskal Herrira bisitan etorria dela aipatu nizuen aurrekoan. Izurrite berria. Presta gaitezen. Porruaren euliak urtean bi belaunaldi izaten ditu. Lehena negua pupa gisa igaro dutenetatik sortzen da. Euliak, grisak eta 3 milimetrokoak, arrak eta emeak etorriko dira; ibiliko dira eta emeak porruen hosto puntetan jan eta errun, jan eta errun egingo du. Koskadizoak nabarmenak dira, hostoaren hertzean, elkarren segidan. Arrautzak ere hostoetan jarriko ditu. Tokiaren eta eguraldiaren arabera apiril eta ekain artean izango da. Arrautza horietatik harrak sortuko dira, laruak eta 6 milimetro artekoak egingo direnak. Jan eta jan, galeria zuzen-zuzenak irekiko dituzte porruan beherantz. Bero handiak ez ditu gustuko, nonbait, eta neguko hotz handienak bezala uztail-abuztu aldea lo igarotzen du, pupa gorrizta eginda; negukatzea eta udakatzea egiten ditu. Abuztuaren amaieran bigarren euli belaunaldia dator; azarora arte izan daiteke. Irailetik abendura, harrak kalte handiak eragingo ditu porruan. Hotzak hastean, pupa bihurtuko da, galerien beheko barrenean, porruaren buruan. Porrua haztean, ohikoa da hortikan lehertzea. Porruaren eulia bisitan etorri eta geurean gelditzea erabaki baldin badu, zer egin? Tratatu: erasotako porru guztiak atera, eta, ahal izanez gero, erre; bestela, sakonki lurperatu; euliak bihurtu aurretik, pupak porruan daudelarik. Gerorako: txandakatu, erasoa larria bada, ez jarri porrua edo bere familiakorik. Udaberriko hegaldia porru hondarretan edo hazitegietan izaten da. Baita porru-tipula ( Allium schoenoprasum ), tipula ( Allium cepa ), baratxuri ( Allium sativum ) eta txalota ( Allium cepa var. aggregatum ) sailetan edo hartz-baratxuri ( Allium ursinum ) basatian ere. Europan batean eta bestean egin diren kontrol saioak alferrik samarrekoak izan dira. Tranpa horietan (ez urdin, ez zuri, ez gorri) harrapatzen dira, baina porruak babestuagatik beste landareetan ugaltzen dira. Bigarren hegaldia da geurean giltzarria. Hemen porru gehiena udazken-neguan jateko landatzen denez, irail-urrirako euliek arrautzak jar ez ditzaten porrua zaintzea da gakoa. Sistema eraginkorrena sarea da. Hona sarearen baldintzak: Filbio tipokoa esaten zaio; begiak gehienez 0,8 mm izan behar du; ondo-ondo itxi, den tarte mendrenik utzi gabe; uztaiekin jarri, sareak hosto bakar bat ere uki ez dezan; bestela, hantxe errungo dituzte arrautzak. Tranpek ez dute balio euliak noiz dabiltzan jakiteko, eta, beraz, abuztuaren amaieran jarri behar da sarea. Honek belarra kentzea bezalako lanak zailtzen ditu eta gaitzak susta ditzake (mildiua, gorrina, alternaria...). Arerioak ere baditu porruaren euliak. Serbian Halticoptera circulus deituriko himenoptero ttiki batek parasitatzen du. Honelakoen laguntza garrantzitsua da; horretarako, tratamentu kimikoak baztertu eta ingurune bizia eduki behar da baratzean. Tratamentu ekologikoa ere badago: Spinosad intsektizida naturala. Dosi txikia erabiltzen da, 0,2 l/Ha, baina ikaragarri garestia da, 400 €/l. Euliak errundako arrautzetatik sortutako harrak porruetan kosk eta kosk ari direnean tratatu behar da. Rotenonak eta piretrinak ere erabiltzen dira. Horiek denek kalte egin diezaiekete bere arerioei ere. Europan diotenez, izurritearen lehen hiru urteak dira gogorrak. Itxuraz, bertako arerioak egokitu egiten dira, eta euli hau bere dietan sartzen dute. Horrela euliaren erasoak zapuzten dira, neurri batean behinik. Geurea bezala, porruaren euliak eraso berriak dituen lurraldeetarako itxaropentxo bat...
news
argia-1eba39eb057b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/jaume-roures-ikus-entzunezkoen-magnate-ezkertiarra.html
"Urriaren 1ean gertatu zenaren irudiak mundu guztiak ikusi ditu, eta nolabait, niri leporatzen didate"
Reyes Ilintxeta
2018-05-13 00:00:00
"Urriaren 1ean gertatu zenaren irudiak mundu guztiak ikusi ditu, eta nolabait, niri leporatzen didate" Jaume Roures produktore katalana eta Lluís Llach Iruñera etorri ziren martxoaren bukaeran La revolta permanent filma aurkeztera, Sanfermines 78 Gogoan ekimenak gonbidatuta. Otsailean, Guardia Zibilak Llarena epaileari emaniko txosten batean procés-eko "elementu ezinbestekotzat" jotzen dute Mediapro ikus-entzunezko edukien ekoiztetxe erraldoiaren jabea. Bere ustez, urriaren 1eko errepresioaren irudiak mundu osora zabaldu zituen nazioarteko prentsa gunea antolatu izana ordainarazi nahi diote. Errebolta amaigabera kondenatuta gaude? Baietz dirudi. La revolta permanent ez da oroimenezko pelikula bat, zoritxarrez, gaurkotasun handiko gertakariak erakusten dituelako. 76ko martxoaren 3an Gasteizko lagunek bizi izan zutena, Iruñekoek 78ko sanferminetan, eta orain guk, gobernu erdia kartzelan dugula, bide beretik doaz. Jarraitutasun lerroa argia dago Fraga, Martín Villa, Fernández Díaz eta Zoidoren artean. Pentsamolde eta jokaera bera dute guztiek. Eskuinekoak izan edo PSOEkoak izan, lerro bera mantendu dute urte hauetan. Fraga sutsuagoa zen, baina argudioak berdinak izan dira beti eta guk haien erabakien ondorioak sufritzen jarraitzen dugu. Eta hemen hobe duzue erne egotea, gure atzetik zuek etorriko zaretelako. Zuek badituzue hitzarmen ekonomikoak eta gauza horiek, hiritar arriskutsu egiten zaituztenak. Hurrengo estatu hitzarmeneko lehen puntua hori izango da, ez dutelako ulertu nahi, batetik, askatasun kontzeptu zehatz bat, eta bestetik, historian zehar eta borroka eginez irabazi diren eskubide batzuk daudela hitzarmen horien oinarrian. Ez da soilik hilabetean 1.000 euro gehiago defendatzea, oso errotuak dauden kontzeptu batzuen defentsa egitea baizik. Kataluniakoa oso gaizki bukatzen bada hurrengoak zuek izango zarete.   Orain Guardia Zibilaren txosten batean aipatu zaituzte. Guardia Zibilarekiko nire aferak aspaldi hasi ziren. 83an gobernu sozialistarekin, Sáenz de Santamaría jenerala buru jarri zuten ZEN (Zona Especial Norte) ezarri berrian. Gobernu zentraleko erregeordea zen. Nire etxean agertu ziren eta atxilotu ninduten esanez ETAren Bartzelona komandoari laguntza ematen niola. Handik egun batzuetara aske atera nintzen. Beti zain egon naiz ea norbait nire etxean agertu eta barkamena eskatzen zidan, baina ez. Barkamen eskearen ordez, txosten berriak dira iritsi direnak. Azken honen inguruan esan dut bere egileek oso maila intelektual baxua dutela, batere mamirik ez daukalako. Dena den, beste kasu batzuetan ikusi izan den bezala, mota horretako txostenek balio izan diete epaile prebarikatzaileei esateko Katalunian matxinada armatu moduko bat egon dela. Urriaren 1eko mobilizazio baketsu, eredugarri eta jendetsua otsailaren 23ko kolpearekin alderatzen dute. Epaile prebarikatzaileak diodanean hizki guztiekin diot, horiek bezala errealitatea manipulatzeko ez delako irudimen handia izan behar, ostia txar handia baizik. Ez duzu kartzelara joateko beldurrik esaten dituzun gauzengatik? Nik ez dut legez kanpoko ezer esan. Esan dut badutela operatibo nagusi bateko buru torturatzaile izateagatik kondenatua izan den pertsona bat. Urriaren 1eko erreferenduma dela eta, Kataluniara bidali zuten Guardia Zibileko agintaria Diego Pérez de los Cobos zen, Guardia Zibil torturatzaileen sumario batean egon zena eta Kataluniako estatutuaren etorkizuna aldarazi zuen Konstituzio Epaitegiko presidente izandakoaren anaia. Ez da kasualitatea. Diego Pérez de los Cobos aske utzi zuten, baina sumario hartan 1997an Kepa Urra torturatu izana leporatuta, beste hiru Guardia Zibil kondenatu zituzten, nahiz eta gero Epaitegi Gorenak hamabi urtetatik sei urtera jaitsi zigorra eta Aznarrek 1999an indultua eman zien. Horietako bat Manuel Sánchez Corbí da, 2015ean UCO (Unidad Central Operativa) Guardia Zibilaren organo nagusiko buru izendatu zuten. Torturaren kontua ez da soilik egiten den izugarrikeria, horren atzean dagoen koldarkeria baizik. Torturatzailea munduko koldarrena da, babeserako aukerarik ez duen jendearen aurkako abusuak egiten dituelako. Beste adibide bat: Valtonyc rap kantaria giltzaperatu duen epailea Enrique López da. PPren oso gertukoa eta Konstituzio Epaitegiko kide nabarmena zen, Madrilgo poliziak goizaldeko seietan moto batean, erabat mozkortuta eta kaskorik gabe atxilotu eta handik gutxira kargua utzi zuen arte. Ez zuten Konstituzio Epaitegitik bota. Modu diskretuan joan zen eta orain Auzitegi Nazionalean dago. Jendearen etorkizuna erabakitzen ari den jendilaje horren argazki on bat iruditzen zait hori. Horiek guztiak ez dira kasualitateak, lehenagoko jokamoldeen jarraipena baizik. "Kataluniakoa gaizki bukatzen bada hurrengoak zuek izango zarete" Altsasuko liskarra ere terrorismoa dela diote. Altsasukoa frankismo berrituaren beste erasoaldi bat da. Ez dut konfiantza gehiegi justizia espainiarrean, baina espero dut gazte horiei epaiketa ongi ateratzea. Francorik gabeko frankismoa da hau? Trantsizioaren fruituak ari gara biltzen. Hau betebeharreko pausoa zuten agintzen segitu ahal izateko. Egokitzen joan ziren, baina aginte makila utzi gabe. Orain, gainera, formei oso garrantzi gutxi ematen diete. Bost axola zaie. Horrela ateratzen da Atzerri ministroa BBCn esanez telebista kanal horretan emandako urriaren 1eko irudiak faltsuak direla edo Gobernuko presidenteordea agertzen da esanez irudi horiek robot bidez eginak direla. Oso larru gogorra eduki behar da halakoak esateko, baina berdin zaie agintearen malgukiak oso ongi lotuta dituztelako. Gorria izatea eta gainera negozioetan arrakasta lortu izana da barkatzen ez dizutena? Nik uste dut oraingo akusazioa lotuago dagoela urriaren 1ean antolatu genuen prentsa gunearekin, ikusita, gainera, zer-nolako ondorioak izan dituen horrek nazioartean. Azken finean, han gertatu zenaren irudiak mundu guztiak ikusi ditu eta hori, nolabait, niri leporatzen didate. Guardia Zibilaren txostenean beti aipatzen dute hori eta erreferendumaren inguruko dokumentala. Inoiz ez dute Estatuko estolden dokumentala [ Las cloacas de Interior ] aipatzen ordea, beraiek zuzenean inplikatzen dituena. Isilpean gordetzen dute, eta lortu dute ia inon ez agertzea eta ia inork ez hitz egitea horretaz, gaizki esaka aritzeko ez bada eta ikusi gabe, gainera. Ez dut uste iraganean egin dudana inportako zaienik. Madrilgo komunikabideetan zabor asko botatzen dizute gainera, marxista eta aberatsa zarela kritikatuz, adibidez. Marxista izatea zer den ez dakitelako. Engels, adibidez, nahiko diruduna zen. Gertatzen dena da komunikabideak mekanismo baten parte direla, Estatuaren estolden dokumentalean erakusten genuen bezala. Dena epaitegietan eta polizian lotuta edukitzeaz gain, bada aparatuaren egitura paralelo bat beste modu batez aritzen dena eta hor kokatzen dira komunikabideak. Hasteko etsai bat bilatzen da. Horretarako txosten bat asmatzen dute, UCOrena, poliziarena, epai batena… berdin dio. Eta akusazio horiek komunikabideen bidez zabaltzen dira, Madrilgo prentsa deitzen dugun horren bidez, batez ere. Haiek zaborra botatzen dizute gainera etengabe. Lehen bazuten Manos Limpias kolektiboa, mekanismo argi bat, zarata mediatikoa probesten zuena eta epaileengana jotzen zuena zerbait ikertu behar zela esanez. Orduan auzibidean jartzen zintuzten eta hiru bat urtez egoten zinen linbo moduko batean, botatzen zizuten kaka guztiarekin eta jende guztiaren aurrean errudun aurkeztuta. Hiru urte edo antzeko denbora tarte bat pasatakoan, epaile batek esaten du ez dagoela deliturik, baina ordurako mekanismoak funtzionatu du eta bere helburua bete du. Orain oso agerian egiten dute hori guztia. Lehen Manos Limpiasek egiten zuena orain VOXek egiten du. Zigorra epaia baino lehen etortzen da. Argazkia: Dani Blanco. Beste batzuek kritikatzen dizute boterearentzat edo Ciudadanos alderdiarentzat lan egin izana. Berdin zait. Nire lana lana da eta ez dut nire ideologiarekin nahasten. Katalanista zara, baina ez independentista? Katalanok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea defendatzen dut. Autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea alegia, oso oinarrizkoa da. PSOEren estatutuetan ere badago. Bada XIX. mendeko burgesiaren aldarrikapen bat. Ez gara deus estratosferikorik eskatzen ari. 100 urteko atzerapenarekin gabiltza. Hori da hainbeste jende biltzen duen zeharkako borroka. Independentismoa %48ra iristen da. Txalogarria bai, baina aski ez dena. Lan egin behar da autodeterminazioaren alde. Katalunia Espainian segitzearen aldekoa zara? Erabakitzeko une hori iristearen alde borrokatzearen aldekoa naiz. Baina, ondoren, prozesu hori aukera desberdinen arteko benetako eztabaida izan behar da. Ulertzen dut badagoela jende asko hainbat arrazoirengatik Espainiari lotuta sentitzen dena eta horretarako eskubidea dute, baina arrazoizko eztabaida egin behar da. Une honetan, errepresio giro honetan, zoritxarrez, ezin da egin. Beharrezkoa da libreki erabaki ahal izatea.   Eredugarria da Kataluniako jendearen jokamoldea? Bai, bada. Guri indar handia ematen digu milioika pertsona kalera ateratzeak kristal bat bera ere apurtu gabe. Zazpi milioi herritarretatik, milioi bat mobilizatzera iritsi gara. Ikaragarria da. Parisko atentatuen aurka 200.000 pertsona elkartu ziren eta ikaragarria zela iruditu zitzaion jende askori. Hemen, Euskal Herrian, izan liteke? Ez dakit. Zergatik ez? Zuek hemen baduzue tradizio borrokalari sakona, modu desberdinetara gauzatu dena. Euskal Herriaren mobilizazio gaitasuna oso handia da eta gu ere parametro horretan gaude. Egia da hemen krisi ekonomikoa ez dela horren gogorra izan eta biolentziak jendartea banatu duela. Orain, hain zuzen ere, bukatu berri dugu Amnistia Internazionalaren dokumental bat. Landutako bost puntuetako bat da sufrimendua Euskal Herrian, eta hainbat aldetako pertsonen mina erakusten da. Egin beharreko berrikuspen zabala da. Filma bukatuta dago eta ea telebistaren bat konbentzitzen dugun emateko, bestela Youtube-n zintzilikatuko dugu. Filman argi ikusten da azken hamar urteotan Mozal Legearekin eta eite horretako beste neurriekin atzerakada ikaragarria gertatu dela askatasunean. Indar basatia erabiltzen dute Estatuak eta epaitegi batzuek, eta bost axola zaie. Hala ere, ezin dugu galdu irabazi dugun apurra. Lortutakoa gutxiegi zen, baina ezin dugu ihes egiten utzi. Zer gertatuko da Katalunian, zure ustez? Ez dakit. Kezkatzen nauen gauza bakarra da mugimendua, procés -a, abiarazi duen indarra nekatzea edo banatzea. Nabaria da buruzagiek akatsak egin dituztela, batzuk larriak, baina ez ditut horregatik gutxietsiko. Berbideratu egin behar da dena, baina garrantzitsuena mugimendua ez ahultzea da. Madrilen fokua pertsona batzuengan jartzeko joera dute, baina hau kaleko kontua da. Horrela joan da mundua aldatzen orain arte, ez politikari bati zerbait bururatu zaiolako, baizik eta aldaketak egitera behartu duen mugimendu soziala dagoelako. Hori gertatu zen adibidez zerbitzu militarrarekin. Jendeak ez du gogoratzen, baina 220.000 pertsona izan ziren soldaduskara joateari uko egin ziotenak eta horietarik 300 kartzelara eraman zituzten. Aldea da orduko hartan komunikabideak ez zeudela aurka. Jarrera epela zuten. Orain isurtzen duten kaka guztia bota izan balute, ziurrenik ez zen horren ongi bukatuko. Komunikabide libreen beharra inoiz baino handiagoa da? Bai, baina ezkerrak ez du inoiz komunikabide eraginkorrak sortzeko edo daudenak bultzatzeko trebezia izan. Edozein etorri berrirengan jartzen dute konfiantza eta gertatzen da gertatzen dena. Ahulezia handia da. Katalunian gogor erasotzen ari dira TV3, baina Kataluniako ikusleen %15 besterik ez du. Gainerako %85ak jasotzen duena zaborra da, mezu negatiboak procés -aren inguruan. Zer garrantzi dute sare sozialek? Egia da lehen ez zeuden tresna berriak badirela, baina su ahalmen gehiago behar da. Komunikabideak behar dira sare sozialetan esaten dena laguntzeko. Jarraitu behar da lanean, hemen inork ez dizulako deus ere debalde ematen.
news
argia-eca95b8daa3a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/ez-du-gehiago-atertuko.html
Ez du gehiago atertuko
Itziar Ugarte Irizar
2018-05-06 00:00:00
Ez du gehiago atertuko Giza Eskubideen XVI. Zinemaldia. Filmak: Human Flow (Ai Weiwei) eta El baile de los años (Ados Teatroa). Apirilaren 20an Donostian, Victoria Eugenia antzokian. Ostiral gaua da Donostian. Giza Eskubideen XVI. Zinemaldirako bidea hartu duzu; Kursaaleko zubia pasa, bizikleta hesi bati lotu eta Victoria Eugenian sartu zara. Amnistia Internazionaleko txaleko horiz jantzita doan gizonak Taner Kiliç eta Idil Eser aktibisten askatasunaren aldeko esku-orri bat banatu dizu, eta hori irakurriaz itxaron diozu emanaldiari. Begoña del Teso azaldu da agertokian, berandutu gabe. Badaki Ai Weiweiren Human Flow (Giza marea) film-dokumentalaren zain zaudetela, bere 144 minutuekin, agindutako irudi izugarriekin. Del Tesoren esanetan, ez dakizue, alta, gaueko egiazko protagonistak film laburrean datozela, Ados Teatroaren El baile de los años (Urteen dantza) lanean. Bezperan bukatu zuten, eta zeluloidea balitz oraindik umela legokeela dio Del Tesok. Adineko jendearen bazterketari dantzaren bidez heltzen dio proiektuak, eta, azkenerako, hunkitu egin zaitu. Txalo jo eta, orain bai, hasi da Human Flow . Aldez aurretik dakizuna zera da: Weiwei artista eta zinemagile txinatarrak bi urte eman ditu 23 herrialdetan errefuxiatuen eta migrazioen auzia lantzen, zeharkatu ditu Siria, Afganistan, Bangladesh, Turkia, Iraq, Mexiko, Kenia, Grezia, Kurdistan, Italia, Palestina... eta, azkena, taldeko argazkilarietako bat, Yasser Murtaja, erail dutela Gazako frontean, duela aste gutxi. Apenas dagoen fikziorako marjinarik hemen. Droneekin hartutako irudi ikusgarriek berehala bete dute aretoa, ezer berri berririk ez, halere; tragediaren gorputzak eta ahotsak bilatu ditu zuzendariak, baina azaleko puntadez josi dituela dirudi aldiro. Weiwei bera ere lehen minutuetatik agertu da kamera aurrean, eztabaidagarria dena. Bi irudirekin geratu zara, eta zugan biziko dira gaurdanik: kamerari bizkarra emanik, hizketan hasi eta oinazearen itolarriz oka egiten duen andrea; eta behi belztu bat, hezur huts, sutan dagoen zeru baten azpiko kale mortuetan balantzan. Jendea tantaka hasi da ateratzen aretotik; gero eta hutsago dago ohartzerako. Zuri ere luze egiten ari zaizu kontakizuna. Bilatutako zerbait izan daitekeela diozu, ezleku kriminal batera kondenatuen denboraren pisura hurbildu dadin zure denbora tarte batez. Eta iruditu zaizu denek alde eginda ere, proiekzioak hor jarraitu ahal izango lukeela, etengabe bortxaz desplazatua izaten ari den jende masaren antzera, atergabe. Baina agortu dira 144 minutuak. Goizeko ordu bata eta erdiren bueltan atera zara kanpora, eta begi erreen aurrean agertzen zaizuna Donostia da, zerurik ez sutan, kanpalekurik ez bistan. Bizikleta hesitik askatu bitartean, kopa artean daudenen algara ozenak datozkizu ondoko terrazatik. Eta sinetsi gura zenuke ez zarela ehuneko ehun sartu aurreko berbera.
news
argia-67bab7093153
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/ramon-font-ustec-hezkuntza-sindikatu-katalaneko-bozeramailea.html
"Argitalpenak banatu ditugu irakasleei jakinarazteko ikasgelan politikaz hitz egin daitekeela"
Mikel Garcia Idiakez
2018-05-13 00:00:00
"Argitalpenak banatu ditugu irakasleei jakinarazteko ikasgelan politikaz hitz egin daitekeela" Gorroto-delituagatik inputatuta dauden irakasleez, doktrinamendu salaketez, 155ak Kataluniako eskoletan utzi dituen ondorioez, nazio identitatean hezkuntzak duen rolaz… mintzatu gara Ramón Font irakasle eta USTEC hezkuntza sindikatu katalaneko bozeramailearekin. USTEC-eko zure kide Alex Juanmartík hitzaldi bana emango du Iruñean eta Bilbon, maiatzaren 4an eta 5ean, LAB Irakaskuntzak bere 30. urteurrenean antolatutako ekitaldien baitan. Hezkuntzak Kataluniako prozesuan duen rola izango du mintzagai. Paper garrantzitsua jokatu du? 2010etik hona independentismoak izan duen gorakada handian ez, eskolak ez duelako hain epe motzean hain modu indartsuan eragiteko ahalmenik, hezkuntzak epe luzera begiratzen du: gaur jartzen duzun hazia etorkizunean ernatuko da. Baina eraikuntza nazionalean funtsezkoa izan da eskola, jakina, nortasun nazionalaren berreskurapenean: Frankismotik heredatu genituen katalana debekatzen zuten eta espiritu espainiarrean formatzen zuten Eskola Nazionalak, eta horren aurrean, batez ere 80ko hamarkadatik aurrera bultzada handia eman zitzaion katalana oinarri zuen eskola ereduari, bereziki kanpotik etorritako familiek eskatuta, euren seme-alabek bertakoen eskubide berak izatea nahi zutelako. Konstituzioarekiko, 78ko Erregimenarekiko haustura egin zuen eskolak, beste arlo batzuetan ez bezala, eta egitura demokratiko eta asanblearioen bideari ekin zion. Gaur arte. Egun, denok hitz egiten dugu katalana, denon hizkuntza da, eta horretan eskolak zerikusi oso handia dauka. Nazio batzuk erlijioan oinarrituta eraikitzen diren bezala (Irlanda kasu), hemen hizkuntzak batzen gaitu, katalanak; horregatik –izan– du hain rol inportantea hezkuntzak nazio eraikuntzan. "Eraikuntza nazionalean funtsezkoa izan da eskola, nortasun nazionalaren berreskurapenean" Prozesuan bertan, halere, izan du paper garrantzitsurik eskola katalanak. Urriaren 1ean adibidez gako izan ziren ikastetxeak, hauteslekuak jartzeko garaian. Bai, aurretik prestaturiko osagai guztiak labean sartzea izan zen. Hauteslekuen bi heren ikastetxeak izan ziren eta hezkuntza komunitateak bereziki inplikatu ziren horietan: irakasleak, gurasoak… aritu ziren parte-hartze politikorako, manifestaziorako eta autodeterminaziorako eskubidea babesten eta ahalbidetzen, poliziaren erasoen gainetik. Ez bakarrik hezkuntza komunitatea, urriaren 1ak denok harritu gintuela uste dut, gizarte osoa zenbateraino engaiatu zen. Historiara pasako da. Ikasle mugimendua ere bizi-bizi dago. Ikasleen mobilizazioa nik gogoratzen dudan handiena izan da. 80.000 ikasle Bartzelonako kaleetan manifestatzen, hori ez da inoiz gertatu. Eta hor daude ikasleen sindikatuek antolatutako grebak, unibertsitateetan lotara geratu diren ikasleak… Berdin irakasleak ere; azaroaren 8ko greba orokorrak, esaterako, batez ere hezkuntzan izan zuen erantzuna. Oso greba konplikatua izan zen, legala zen edo ez auzitan zegoelako, eta ilegala izateak ondorio oso arriskutsuak izan ditzake; bada, hala ere, eskola publikoko 30.000 irakaslek eta kontzertatuetako beste 6.000k egin zuten greba, ikasleez gain. Hezkuntza kasik paralizatu egin zen. "Ikasleen mobilizazioa gogoratzen dudan handiena izan da. Berdin irakasleak; azaroaren 8ko greba orokorra oso konplikatua izan zen, eta batez ere hezkuntzan izan zuen erantzuna" Kataluniako ikasgeletan doktrinatzen dela aitzakia hartuta, irakasleen aurkako kanpaina akuilatu du Espainiako Gobernuak, salaketa judizialak tarteko. Bi irakasle adibidez (hasieran zortzi ziren) gorroto-delituagatik salatu ditu fiskaltzak, urriaren 1a ikasgelan komentatzeagatik. Beste ikastetxe batean, 12-13 irakasle daude inputatuta, isilune minutu bat egiteagatik. Beste hainbat herritan berdin, gorroto-delitua leporatuta eskola publiko nahiz kontzertatuetako irakasleak daude jomugan, oro har urriaren 1az hitz egiteagatik, poliziak izan zuen jokabideaz… Urriaren 1ari buruz ikasgelan debatea antolatu nahi zuen irakasle bat ere badago tartean. Guardia Zibilaren kuartelak dauden herrietako ikastetxeak dira; ez dugu uste kasualitatea denik. Horrez gain, hainbat ikastetxetako zuzendaritzak ere sedizio delituagatik ikertzen ari dira, erreferenduma ahalbidetu zutela egotzita. Nik neuk bi salaketa ditut, Hablamos Español elkarteak jarrita: gorroto-delitua batetik, gaztelaniaz ez dudala irakatsiko esateagatik, eta sedizioa bestetik, erreferendumarekin sindikatuak izandako konpromisoagatik. Zain gaude, ea zer gertatuko den epaiketa hauekin guztiekin… Ikuspegi hezitzailetik, nola ulertu daiteke ikasgelan debekatzea politikaz hitz egitea eta eztabaidatzea? Are gehiago, hori delitu bilakatzea. Ni Hiritartasunerako Heziketako irakasle izan naiz denbora askoan, eta politika gai bat jarri eta horretaz eztabaidatzen jartzen nituen ikasleak, publikoan hitz egiten ikasteko, argudiatzen ikasteko, ideia eta iritzi ezberdinak errespetuz elkartrukatzeko… Baina iritzia ematea ere debekatu nahi dute. Eta doktrinatzea hain juxtu kontrakoa da: botereak agintzen dizuna esatea. Hori da beraiek nahi dutena! Ciudadanos eta PPren helburua denean Goi-Ikuskaritzaren bidez ikasgelan esaten duguna kontrolatzea, nolabait esaten ari direna da historia bakarrik modu jakin batean irakatsi daitekeela, beraiek nahi duten moduan. Ciudadanoseko kide batek kritikatu zuen Gironako irakasle gehienak ERCkoak direla. Eta hala balitz? Zer nahi duzu, Ciudadanosekoak izan daitezela, ala? Niri berdin zait zein partidukoak diren, nik nahi dudana da euren lana ongi egin dezatela.     Katedra Askatasuna ulertzen hasi gara orain, zergatik 70eko hamarkadan otu zitzaien Espainiako Konstituzioan Katedra Askatasuna sartzea, polizia fakultate frankistetara joaten zelako, irakasleek zer zioten kontrolatzera. Puntu horretan gaude berriz… "Arazoak saihestu aldera, autozentsurara jo dute irakasle batzuek. Iritzia ematea debekatu nahi dute, eta doktrinatzea hain juxtu kontrakoa da: botereak agintzen dizuna esatea" Sorgin-ehiza erabatekoa da: gorroto-delituagatik edo doktrinamenduagatik irakasleak salatzera animatu dituzte gurasoak, Espainiako Barne Ministeriotik. Bai, lehen aipaturiko irakasle salatuen kasuan ez bezala, hau ez doa bide judizialetik, ikuskaritzaren bidetik baizik, eta masiboagoa izan da Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritzara iritsitako salaketa kopurua: ehundik gora salaketa anonimo, doktrinamendua leporatuz. Testuinguruan jarrita, milioi eta erdi ikasletik ehundik gora salaketa jasotzea gutxi da, batez ere aintzat hartuta salaketen zerbitzura jarri den makineria politiko-mediatiko guztia; doktrinamendua kritikatzen duten gurasoen ordez, babesten eta animatzen gaituzten gurasoak ditugu batik bat inguruan, baina gizakiak gara eta fokua doktrinamenduan hainbeste jartzeak eragiten dizu, jakina. Nola? Arazoak saiheste aldera, autozentsurara jo dute irakasle batzuek, hala onartu digute, badaezpada zenbait gai ez dituztela gelan ateratzen. Eta argitalpenak banatu ditugu irakasleei jakinarazteko ikasgelan politikaz hitz egin daitekeela, eta hitz egitea beharrezkoa dela, ezin baitituzu esaterako Gizarte Zientziak irakatsi, politikaz hitz egin gabe, ez du zentzurik! Curriculumean bertan hala jasotzen da. Ikastetxeetara goaz, jendea lasaitzera eta babesa ematera, tartean babes juridikoa. Nola eragin du 155ak Kataluniako hezkuntzan? Bi porrot handi izan ditu 155ak: batetik, doktrinamendua egotzita aipatzen ari garen Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritza eta kontrola, eta bestetik murgiltze eredua. Murgiltze ereduak kontsentsu oso zabala du Katalunian eta gure hezkuntza ereduaren zutabe da. Espainiako Gobernuak familiek laukitxoak betetzea nahi zuen, erabaki zezaten ea gaztelaniaz ala katalanez eskolatu nahi zituzten seme-alabak, baina Konstituzio Auzitegiak berak bota du atzera hori, esanez hizkuntza-aniztasuna erkidegoen eskumena dela. Espainiaren batasunaren eta Espainiako Gobernuaren alde ari diren testuinguru politiko honetan auzitegiak berak onartu du hau harago doala, independentismoaren aldekoak askogatik gainditzen dituen kontsentsua duelako murgiltzen ereduak.     Horiek izan dira gai entzutetsuenak, baina atzeko atetik beste hainbat neurri inposatzea lortu du Espainiako Gobernuak, 155aren bidez. Hezkuntza kontseilaria kendu eta eurena jartzeari esker, PPk nahi duen oposaketa eredua gailentzea lortu du Espainiako Lurraldekako Batzarrean, ituna egin du kontzertatuekin (tartean sexuagatik segregatzen duten ikastetxeekin, Kataluniako Parlamentuak kontrakoa ebatzia zuen arren), eta hezkuntzarako aurreikusita zegoen aurrekontua atzeratu dute. Hezkuntza bezalako zutabe hain funtsezkoan eskua sartzea ez da kasualitatea… Ez dago epe luzera herrialde baten etorkizuna gehiago determinatuko duen ezer. Ikusten dute katalan hizkuntza funtsezko elementua dela identitate nazionalaren eraikuntzan, eta hori akabatu nahi dute. Eta horri lotuta, gure historia, gure erakundeak… "Bi porrot handi izan ditu 155ak: Hezkuntzaren Goi-Ikuskaritza eta murgiltze ereduaren aurkako erasoa. Baina atzeko atetik hainbat neurri inposatzea lortu dute" Zein da eraiki nahi duzuen eskola? Guretzat lau puntu nagusi daude. Batetik, esan bezala, katalana. Eta hemen denok katalana hitz egin behar dugula, horretan ados gaude guztiok, ezker eta eskuin. TV3n, hauteskunde aurreko debate batean, espero ez zuen galdera egin nion Inés Arramidasi: "Katalana jakitea baldintza izango da irakasleentzat?". Ciudadanoseko edozeinek ezetz esango lizuke Espainian, baina hemen ez zen horretara ausartu, eta luzamendutan korapilatu zen, erantzuna saihestuz. Horrez gain, guretzat eskolak izan behar du doakoa (haur hezkuntzatik unibertsitateraino), publikoa bai titularitatean bai gestioan, eta demokratikoa (irakasle eta zuzendaritzen aukeraketan, familien parte-hartzean…).
news
argia-8f2cc5ae46ea
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/maila-sozioekonomiko-baxuko-eaeko-10-ikasletik-7k-ghetto-eskoletan-ikasten-dute.html
Maila sozioekonomiko baxuko EAEko 10 ikasletik 7k "ghetto-eskoletan" ikasten dute
Mikel Garcia Idiakez
2018-04-25 00:00:00
Maila sozioekonomiko baxuko EAEko 10 ikasletik 7k "ghetto-eskoletan" ikasten dute EAEko hezkuntzan ematen den segregazio sozioekonomikoaren hazkunde kezkagarriaz ohartarazi du Save The Childrenek. Erakundeak kaleraturiko txostenaren arabera, egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleak kontzentratzen dituzten "ghetto-eskoletan", ikasleen %68,8k profil sozioekonomiko baxua du (Espainiako Estatuan, %53,7koa da batez bestekoa), ikastetxe hauetan ikasle gehiagok errepikatzen du ikasturtea eta gehiago dira ikasketak uzten dituztenak. Eskola-segregazioan Estatuko indize altuena dutenen artean, laugarrena da EAE (0,27), Madril, Katalunia eta Errioxaren atzetik. Azken hamar urteetan, %8,7 handitu da indize hori EAEn, "ghetto-eskolak" direlakoak areagotuz. Egoera ahulenean bizi diren 10 ikasletik 7k horietan ikasten dute, Nahastu nirekin. Segregazio sozioekonomikotik hezkuntza inklusibora txostenean jasotzen denez. Kontzentrazio maila altuko hamar ikastetxetatik bederatzi publikoak dira. Besteak beste, hizkuntza-laguntza jasotzeko beharrak dituzten ikasleak kontzentratzen dira ikastetxe hauetan, behar bereziak dituztenak, eta eskolaz kanpoko jardueretan eskaintza urria dute. Gainera, errealitate horren aurrean ikastetxe hauek maiz ez dituzte eskura behar lituzketen baliabideak, "eta askotan, kualifikazio handieneko irakasleek alde egiten diete, konplexutasun maila txikiagoa duten beste ikastetxe batzuetara". Zer egin daiteke? Hainbat neurri proposatu ditu Save The Childrenek. Hala nola, ohiko matrikulazio-garaia ixten denean kontzentrazio handiko ikastetxeek eskaintzen dituzten tokiak murriztea (ratioa murriztea) eta tokiak gordetzea beste ikastetxe batzuetan. Kuota minimoak eta maximoak ezartzea, eta egoera zaurgarrian dauden familiei ikastetxea aukeratzerakoan informazioa ematea ere aipatu dute. Baita konpentsazio edo erakarpen politikak martxan jartzea ere: adibidez, ikastetxe hauetara baliabide gehiago bideratuz, benetako doakotasuna bermatzeko kuotak kontrolatuz, irakasleentzako pizgarriak garatuz…
news
argia-5faa2c72fd34
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/juan-carlos-moreno-cabrera-inperioaren-ziztada.html
"Zer gutxiago, zure nazioko hizkuntza ulertzea baino?"
Ander Perez
2018-05-13 00:00:00
"Zer gutxiago, zure nazioko hizkuntza ulertzea baino?" Madrilgo akademiatik mintzo da Juan Carlos Moreno Cabrera (Madril, 1956), zer eta espainolismo linguistikoa deitzen duen horren gehiegikeriak salatzeko. Haatik, aho bizarrik gabe dihardu, sendo, hizkuntza txikiak babestuz, eta nagusiak ziztatuz. Nafarroako hizkuntza egoeraz aritzeko etorri da Iruñera. Eta ez da kalterako: ezin hobeki islatzen da Nafarroan berak teorizatutakoa. Zer da espainolismo linguistikoa? Espainiera inguruko hizkuntzen gainetik dagoela dioen ideologia da. Horren arabera, espainiera da hizkuntzarik erabilgarriena, ikasteko errazena, komunikaziorako eta elkarbizitzarako egokiena. Pertsonen eta instituzioen diskurtsoetan txertatutako ideia da. Eta ideologia ikusezina da, ontzat ematen dena, ezbaian jarri gabe. Jendeak ez du antzematen, eta ideia horiek normalak direla uste du, berezkoak. Hala, espainiar hizkuntza supremazismoa zalantzan jartzen duen oro arazotzat jotzen da, distortsiotzat, elkarbizitza zapuzten duen ideia identitariotzat. Gainerako hizkuntzak dira arazo. Bai. Ideologia espainolistaren arabera, espainiera modu naturalean hedatzen den gasaren parekoa da. Hedapen horren ondorioz, zokoratuta geratu dira beste hainbat hizkuntza, baina ez espainieraren erruz, espainierak hedatzeko berezko joera duelako baizik, eta beste hizkuntzek murrizteko berezko joera. Erabat faltsua da hori. Zein da ideologia honen arrazoia? Besterik gabe, botere harremanak daude, nazio zapaltzaile eta zapalduak. Hori bai, garrantzitsuena da nazio zapaltzailea zapaltzaile dela ez igartzea, besteen begitara zapaltzaile gisara agertzen den unean hasi daitekeelako jendea zalantzan jartzen. Horregatik, egoera natural eta saihestezin gisara aurkezten da, denen onerako gertatu den egoera gisara. Menpekotasun harremanak egoera objektibo natural gisara aurkezten dira, eta horiekin lotzen da gizartearen garapena. Nafarroa ez da salbuespen. Nafarroan gaztelera da elkarbizitza eta komunikaziorako hizkuntza normala. Eta pentsa, gaztelera ez da Nafarroako jatorrizko hizkuntza ere, nafar-aragoiera baita Nafarroako berezko hizkuntza erromanikoa. Gaztelera gero etorri zen, eta arrazoi politiko, demografiko eta ekonomikoengatik inposatu zen. Hala ere, Nafarroaren garapena eta idiosinkrasia gaztelerak osatzen duela esaten da, eta hori zalantzan jartzeak Nafarroaren atzerapena dakar. Nafar guztiek jakin beharko lukete euskara?   Bai, are gehiago kontuan hartuta ofizialtasuna… ofiziala al da euskara Nafarroan?   Tira, eremuaren arabera.    Egia! Hori ikaragarrizko erokeria da. Euskarak Nafarroa osoan behar du izan hizkuntza ofiziala. Bestela, ematen du hiru Nafarroa daudela. Nafarroa entitate geografiko, politiko eta historiko bakarra bada, euskarak Nafarroa osoan beharko luke hizkuntza ofiziala, eta beraz, bertako pertsona guztiek jakin beharko lukete, edo behintzat ulertu. Ulertzeak, izan ere, ez dakar inposiziorik. Euskararen ulermena derrigorrezkoa izatea da nafar euskaldunek beren hizkuntz eskubideak gauzatu ahal izateko modu bakarra, hitz egiten jarraitu ahalko luketelako, besteak ulertuko diola jakinda. Urrats garrantzitsua litzateke hori, bai Nafarroako kohesiorako, bai elkarbizitzarako, bai eta kulturarako ere. Zer gutxiago, zure nazioko hizkuntza ulertzea baino? Argazkia: Josu Santesteban Ingelesezko hezkuntza lerroak indartu dira azkenaldian. Zer dakar horrek? Arazoa da, hasteko, ingelesa ez dela Nafarroako hizkuntza, ez dela inoiz izan, eta ez dela inoiz izango. Ingelesa euskara edo gaztelaniaren mailara jartzea erokeria da, eta ondorio latzak izan ditzake. Ingelesak atzerriko hizkuntzen artean du bere tokia. Euskararen pare jartzea Troiako zaldi bat jartzea da, euskara baztertzen jarraitu ahal izateko. Horrek, berriro ere, hizkuntza supremazismoa erakusten du, ingelesa ez baita ezinbesteko hizkuntza. Hizkuntza onuragarri eta interesgarria da, eta ongi dago ikastea, baina ez da ezinbestekoa. Bada beste arazo bat: ingelesak ateak ireki ditzake ongi hitz eginez gero; baina ateak ixten ditu gaizki hitz egiten bada. Eta, hara, ingelesa ikasten duen jendearen %80ak gaizki hitz egiten du. Etorkizuna ziurtatua al du euskarak? Ez, bultzatzeari uzten bazaio. Nagusitasun politiko, ekonomiko eta ideologiko mugagabea duen hizkuntza menderatzaile batekin bizi den hizkuntza bat beti dago arriskuan. Horregatik, ezin da arreta galdu, Irlandan gertatu dena gertatzen delako bestela: irlandar gaelikoa oso hizkuntza boteretsu baten alboan bizi da, eta desagertzeko arriskuan dago, derrigorrezkoa izan eta eskoletan erakutsi arren. Beraz, inbertitzen eta hizkuntza bultzatzen jarraitu behar da. Hizkuntza nagusia beti egongo da hor, baita balizko independentzia kasu batean ere.   Bai. Armeniak, adibidez, SESBetik atera eta independentzia lortu zuen, eta armeniera da hizkuntza ofizial bakarra. Liburuen %70, ordea, errusieraz dago. Zergatik? 200 milioi hiztun dituen estatua duelako alboan. Horregatik, Harry Potter-en azken liburua errusierara itzulita dago, baina ez armenierara. Eta umeak errusieraz irakurri behar izaten du. Estatuak, beraz, ez du hizkuntzaren biziraupena bermatzen?   Ez. Hiztunek erabiltzen duten neurrian biziraungo du euskarak, baina erakundeen babesa beharko da horretarako.
news
argia-c3c147b27c97
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/europar-batasunaren-aurrekontuetan-nola-nagusitu-den-armagintza.html
Europar Batasunaren aurrekontuetan nola nagusitu den armagintza
Pello Zubiria Kamino
2018-05-13 00:00:00
Europar Batasunaren aurrekontuetan nola nagusitu den armagintza Telebistetako tertulietatik eta ostatuetako eztabaidetatik urrun, administrazio publikoen erabaki garrantzizkoenak urteroko aurrekontuetan ezkutatzen dira. Europar Batasunak berrikitan onartu duenak gordeta darama herritarren etorkizuna sakon markatuko duen aldaketa: milaka milioi euroko diru-laguntzak emango dizkie Europak armagintzako industriei, batik bat drone, robot eta bestelako arma automatizatuak ekoiztu eta munduan zabal ditzaten. "Ez onartu arma industriaren ikerketa sartzea Europar Batasunaren aurrekontu berrian. EBren diruak ez du joan behar teknologia militarrera. Ikerketarako diruek joan behar dute gatazkak prebenitzeko bide ez bortitzetara, eta partikularki munduko ezinegonaren sustraietara doazenetara". Dagoeneko 143.000 europarrek sinatu dute EB: ez inbertitu armatan izenburupean interneten dagoen eskaria. "Denok bizi nahi dugu mundu baketsu batean –diote agirian– eta horretarako sortu zen Europar Batasuna. Baina Europako Batzordeak, arma industriaren presioaren mende, aurrekontuetan sartu nahi ditu milaka milioi diru publikoetatik EB sortu zenetik lehenbiziko aldiz teknologia militar aurreratua garatzeko. Haiek 'defentsa' kontu bat bezala aurkeztu arren, diru-laguntzen egiazko helburua da sustatzea arma industriaren lehiakortasuna eta esportatzeko ahalmena, tartean Saudi Arabia bezala gatazka hiltzaileetan parte hartzen duten herrialdeetara". Protestak gora-behera, Europako Parlamentuak martxoaren 13an onartu zuen 2019-2020 urteetarako 500 milioi euroko multzo bat defentsako ekipamenduak garatzeko. Lehendik ikerketa militarren prestaketarako onartutako 90 milioi gehiago gehitu behar zaizkie. Hasi baizik ez da egin aldaketa: iaztik Europako Batzordeak iragarrita dauka 2021rako sortu nahi duela urtero 5.500 milioi euro gastatzeko ahalmena izango duen funts bat "defentsa europarra akuilatzeko". Inbertsio erraldoia aurkeztean, 2017ko ekainean, arrazoia honela zehaztu zuen Jyrki Katainen EBren lehendakariorde denak enplegu, hazkunde, inbertsio eta konkurrentziarako: "Europa osoan jendeak kezkatuta  daude haien segurtasunagatik eta beren umeenagatik". Aldiz, ENAAT Armen Salerosketaren Kontrako Sare Europarrean uste dute EBk defentsa alorrean kasik ez gastatzetik oraingo plan handietara egin duen aldaketa sakona aspaldi hasitako kanpaina baten fruitua dela, Laetitia Sedouk Multinazionalen Behatokiari ( multinationales.org ) azaldu dionez: "Arma saltzaileak ate txikitik sartu dira, barne segurtasunaz eta mugen zaintzaz hitz eginez eta ez defentsaz. Pixkanaka iritsi gara honaino". 2012tik 2017ra bitarteko bost urte laburretan, Europako arma konpainia nagusien artean antolatuta daukaten lobbyaren aurrekontua urteko 2,8 milioitik 5,6 milioira bikoiztu zen. Hori armagileek deklaratua sinestekotan: zenbait adituk dio ASD Europako Industria Aeroespazial eta Defentsakoen Elkarteak lobbygintzan zifra horren hamar halako inbertitu zuela. ASDko kide dira alorreko enpresa europar indartsuenak: Airbus, BAE, Dassault, Ficantieri, GKN, Indra, Leonardo, Liebherr, Rolls-Royce, Safran, Saab, Thales... Horiekin lotuta daude herrialde bakoitzeko elkarteak. Esate baterako, TEDAEk biltzen ditu Espainian industria militarrean ari diren enpresak , tartean EAEko batzuk: Aernnova, Tecnalia, ITP Aero, SAPA Placencia eta Sener. Ingurumenaren ordez armak hobetsi 2015ean Europako Batzordeak 15 laguneko Pertsonalitate Talde bat (GoP) izendatu zuen ondorengo urteetan ikerketa militarrean zer egin aholku eskatzeko. Zerrendako izenak eta bakoitzaren kargua ikusi baizik ez dago ohartzeko armagintzaren kritikoek ez dutela arrazoirik falta: ia denak dira ASD industria militarraren patronalaren buruak. Batzorde horrek gomendatu zuen industria militar europarrak lehiakortasuna hobetu beharra daukanez Europar Batasunak finantziazio programa egoki bat eskaini behar ziola. "Erabaki politikoen prozedura osoan esku hartu dute industrialek", dio Bram Vranken Flandriako Vredesactie mugimendu bakezaleko ordezkariak. "Batzordea plan hau prestatzeko fasean gutxienez 36 aldiz elkartu da industrialekin. Ezin ukatu helburua lortzen ari ez direnik, aurrekontuetan sekulako dirutzak sartu baitituzte eta horiekin batera inbertsioen finantziazio plan samurrak ere bai: "%125eko diru-laguntzak lortu dituzte, %100 produktuetarako gehi %25 administrazio gastuetarako. Horrelako finantziazio bikainik ez zaie eskaintzen ezta munduko katastrofe larrienei aurre egin behar dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeei ere". Eta zein inbertsio lehenetsiko du EBk? Armen Behatokia elkartean ikertu duenez, droneak eta gerra egiteko sistema robotizatuetan zentratzen dira hein handi batean ikerketa proiektuak: "Ikerketa berri guztietan ageri da robotizazioa, armak gero eta autonomoago izatea da helburua". Ondoren, ikerketa lerroak produktu zehatzetan mamitzen direnean, industrialak egoera hobean aurkituko dira puntako armak esportatzeko. Esportazioen kontrolean datza gai honen eztabaidetako bat. Zeren eta armagintzako enpresek gero eta diru-laguntza gehiago eskuratu arren Europatik, esportazioen kontrolak jarraitzen baitu estatu bakoitzaren eskumena izaten. Alemaniak, Angela Merkelek SPD sozialistarekin egin duen itunean bildu denez, kontrol europarra indartu nahi omen du. Frantziak, aldiz, ez du horrelakorik entzun ere egin nahi. Industrialek presio egiten dute esportazioetan eskuak libre edukitzeko, lehiakortasunaren aitzakiarekin. Armada frantsesak ere ez du aldaketarik nahi horretan: "Frantziak eutsi behar dio bere interesak defenditzeko bere aldetik erabaki eta ekiteko ahalmenari". Are gehiago, armagintzako industrialek lortu dute diru-laguntzaz finantzatutako patente berriak beren jabetzan geratzea, Europako gizarteari horrek dakarkion kalte bikoitzarekin. Batetik, diru publikoz ordaindutako aberastasunak kapital pribatuak bereganatzen dituela. Bestetik, Europako aginte politikoaren kontrola galdurik enpresek teknologia eta patente horiek saldu ahal izango dizkiotela munduko edozein bezerori, baita edozein krimen egiteko gai direnei ere. Europar Batasunaren gastu militarra da, kide dituen estatuenak batuta, munduko hirugarren handiena, AEBak eta Txinaren ondotik. Errusiak 69.200 milioi euro gastatzen badu, EBk 264.300 milioi. Diru-laguntza berriak nondik aterako ditu Brexitarekin aurrekontua murriztera behartutako Europak? Ekintzaile asko beldur da ingurumena eta klima izango direla pagaburuak. Bitartean, Bakearen Aldeko Ikerlariek ere atxikimenduak biltzen dituzte EBren aurrekontua aldarazteko: "Europar Batasunak ikerketa militarrerako programa ezartzeak sekula ikusi den azkartze handiena dakar Europaren militarizazioan. Orain garatzen ari garen teknologia militarren araberakoak izanen dira etorkizuneko gerrak".
news
argia-f8857278d5b0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/inaciu-galan-y-gonzalez-iniciativa-pol-asturianu.html
"Asturierari dagokionez, hizkuntza kontzientzia gora ari da"
Onintza Irureta Azkune
2018-05-13 00:00:00
"Asturierari dagokionez, hizkuntza kontzientzia gora ari da" Apirilaren 21ean milaka asturiarrek eskatu zuten Oviedon ofizialtasuna asturierarentzat. Gizarte babes handia lortu du azken urteetan, baita babes politikoa ere. Asturiasko PSOEk inoiz ez bezala ofizialtasunaren alde egin du alderdiko azken kongresuan. Erabaki horrek estatutua erreformatzeko bidea ireki dezake. Inaciu Galán Iniciativa Pol Asturianu elkarteko presidentea da eta asturieraren aurrerapausoak kontatu dizkigu. Milaka asturiar elkartu zineten manifestazioan. Zein balorazio egin duzue? Orain arteko garrantzitsuenetako bat izan da, eta transbertsalena ere bai. 1976tik lehenengo aldia da PSOEk esplizituki parte hartzen duela. Beti egon dira karguak eta ordezkariak asturieraren alde, baina oraingoan, alderdiaren urriko kongresuan erakutsi zuten asturieraren ofizialtasuna haien helburuetako bat izango zela. PSOE manifestaziora lehen aldiz etortzea historikoa da, zeren berak gobernatu du ia beti Asturiasen garai autonomikoan. Bestetik, oso jendetsua izan da, momentu giltzarrian. Giltzarria da gehiengo nahikoa dagoelako estatutuaren erreforma-prozesua abiatzeko eta ofiziltasuna eskatzeko. Legegintzaldi hau bukatu baino lehen zerbait lor daiteke? Azken hauteskundeetan 45 diputatutik 17 ziren ofizialtasunaren aldekoak, Podemosekoak, IUkoak eta Foro Asturiasekoak (Francisco Álvarez-Cascosen alderdia). Militante sozialistek behin baino gehiagotan erakutsi dute ofizialtasunaren aldeko jarrera, baina alderdiko nagusiek botere handia zuten eta inoiz ez zuen aurrera egiten proposamenak, ezta Asturiasko presidente sozialistaren bat alde egonda ere. Oraingo kongresuan lortu da. Beraz, PSOEk bidea erraztuko du. Orain bestelako arazo bat dago. Uste dut susanista [Susana Díaz, Andaluziako Juntako presidentea] ez den diputaturik ez dagoela sozialisten talde parlamentarioan. Javier Fernández Asturiasko presidenteak aukeratutakoak dira. Fernándezek irmo esan du ofizialtasunaren aurka dagoela. Esan dezagun beraz, orain alderdia alde dagoela, baina  diputatu taldea ez. Beraz, legegintzaldi honetan nekez egingo da zerbait. Hurrengo hauteskundeetan duzue esperantza? Orain lau alderdi daude ofizialtasunaren alde: Podemos, PSOE, Foro Asturias eta IU. Lauren artean 27 bat diputatu lor ditzakete 2019ko maiatzeko hauteskundeetan eta estatutuaren erreforma-prozesua abiatu. Jakina, ofizialtasun ereduaz, epeez eta abar eztabaidatu beharko dute. Asturiasko parlamentutik Madrila joango da eskaera eta erantzuna, ikusita beste adibide batzuk, hainbat urtetara irits daiteke. Alderdien artean zenbat eta kontsentsu handiagoa PPren jarrera are muturrekoagoa da, Asturiasko PPko presidentea barne. Mercedes Fernández presidentea 1998an alde zegoen, eta orain zeharo aurka. Orduan PSOE ofizialtasunaren aurka zegoen. Dena dela, guk uste dugu buruzagien kontua dela, ez dugu uste PPko militantzia aurka dagoenik, ezta udaletako zinegotziak ere. Gaur egun asturierak duen estatusak zein neurritan babesten ditu hiztunak? Nolabait esatearren, Nafarroako eremu mistoaren tankerakoa da egoera. Herritarrek administrazioan asturieraz egin dezakete, ahoz eta idatziz, baina administrazioa ez dago derrigortuta hala erantzutera. Hezkuntza sisteman, maila guztietan egotea babesten du, Haur Hezkuntzatik unibertsitateraino. Lehen Hezkuntzan asturiera edo asturiar kultura ikasgaien artean aukeratu behar duzu, bigarren hori gaztelaniaz ematen da; hizkuntza eta kultura hain irmo banatu ahalko balira bezala. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako deskalabrua galanta da. Asturiera aukerazko ikasgaia da, eta besteak beste frantsesarekin lehiatzen da. Zentzugabea da bertako hizkuntza eta beste hizkuntza bat aurrez aurre jartzea. Ofizialtasuna lortuz gero zein eredu jarraitu eztabaidatu beharko da. Hainbat ikasgai asturieraz ematea, Euskadiko sistema jarraitzea... Eztabaida izango da, baina behintzat ikasgai bat asturiera izango da eta ikasketak bukatutakoan ikasleak gai izango dira asturieraz hitz egiteko eta idazteko. "Lehen Hezkuntzan hamar ikastetxetan asturiera hizkuntza ardatz izan da, hau da, astean hainbat orduz zenbait ikasgai asturieraz irakatsi dizkiete. Iraultza galanta izan da." Bukatzen ari den ikasturtean esperientzia pilotua egin da ikastetxeetan. Lehen Hezkuntzan hamar ikastetxetan asturiera hizkuntza ardatz izan da, hau da, astean hainbat orduz zenbait ikasgai asturieraz irakatsi dizkiete. Iraultza galanta izan da. Umeek nota hobeak atera dituzte, izan ere, natur zientziak haien hizkuntzan ikasi dituzte eta zuhaitzei eta animaliei haien hizkuntzan deitu ahal izan diete. Ikasturte berrian beste hamar ikastetxe hasiko dira. PPk plana epaitegietara eraman du. 2017an Asturiasko III. Inkesta Soziolinguistikoa kaleratu zen. Zer azpimarratuko zenuke emaitzetatik? Aurreko emaitzekin alderatuz hizkuntzarekiko pertzepzioak hobera egin du. Adibidez, ofizialtasunaren alde dago %53, aurka %18. Orain jende gehiagok dio asturiera hiztuna dela, eta harrigarria da zeren guk antzematen dugu erabilera jaitsi egin dela. Beraz, horrek esan nahi du hizkuntza kontzientziak gora egin duela. Nabarmen gora egin duen beste datua idazteko gaitasuna da. Askoz asturiar gehiagok esan du oraingoan idazteko gai dela. Ikastetxeak eta helduentzako ikastaroak eraginkorrak izan diren seinale. Orain gutxiago hitz egiten da eta era berean gazteek hizkuntza kontzientzia handiagoa dute? Oraingo belaunaldiek, gutxi-asko, normaltasunez bizi dute asturiera. Gutxiago erabiltzen dute, baina aurrejuzkuak desagertu dira. Nire aiton-amonek errepresio zuzena bizi izan zuten Frankismoan asturiera erabiltzeagatik. Estigma hori daukate. Erantzuteko diskurtsorik ez zegoen eraikita. Nire amonari esaten diot parlamentuan asturieraz egiten duten diputatuak daudela eta izutu egiten da, "nola erabiliko du bada maila horretako jendeak etxeko sukaldean erabiltzekoa den hizkuntza?". Hala esaten du. Beste kontu bat da gazteena. Gaur egun, 2018an, sinetsi ezin ditudan gauzak gertatzen dira. Institutuko irakaslea naiz eta asturiera ikasgaia ematen dut. Ikasle gehienek egunerokoan asturieraz hitz egiten dute. Bada, ikastetxean irakasle batek baino gehiagok esaten diete asturieraz ez hitz egiteko, gaizki hitz egitea dela. Lotsa ematen dit esateak, baina hala da. Ikasleen autoestimua goratzen saiatzen zara, alfabetatzen, eta gero halako egoerak bizi behar dituzte. Ordea, gaur egun informazio asko daukate, eta lehen ez bezala, orain ez dira isiltzen, eta erantzun egiten dute. Badakite eskubideak dituztela eta badakite gauzak ez direla irakasle horiek kontatu bezala.
news
argia-f9bc398436e9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/analisia.html
Badago zertaz lotsatu eta izutu
Mikel Asurmendi
2018-05-06 00:00:00
Badago zertaz lotsatu eta izutu ETAk eragindako kaltea onartu du. ETAren agiria bi testutan heldu da. Batean, "eragindako kalteari buruzko adierazpena" helarazi dio Euskal Herriari. Bigarrena adierazpenari buruzko argibide oharra da. ETAk egindako mina onartzea ez da harritzekoa, areago, bera sostengatu izan duten herritarrentzat –ETAk Euskal Herria deitzen duenentzat– lasaigarria da. Edonola ere, adierazpenari buruzko "argibide oharra" idatzi behar izateak gatazka ebazteko egun lantzen ari den moduak ez du normalizazio politikoa bermatuko. Bi arrazoik egin dute posible ETAren agiria: bat, politikoki ez duela deus galtzerik ez irabazterik ere. Ez ETAk, ez politikoki historikoki berarengandik gertuen dagoen aukera politikoak. Bi, agiri horren bitartez, euskal preso politikoen etorkizunak hobera egin dezakeela. Hala ere, bigarren hau ez dago bermatuta. Areago, ETA desmobilizatuko da, presoak aterako dira kalera, baina inork ez du bermatzen etorkizunean preso politikoak, biktimak, borroka armatua edo "terrorismoa" izanen ez denik. ETAren agiriak ez du dena esaten, ezinezkoa baita dena esatea. Erran nahi baitut, 1958ko, 1968ko, 1978ko… ETA, egungo ETA al da? Zenbat ETA izan dira sei hamarkadatan? Egungo ETAk hitz egin al du ETA guztietan aritu direnen izenean? Gehiago esateko eta partekatzen hasteko, agiria idatzi dutenek ETAren beraren 60 urteko kidegoekin hasi behar dute bizitakoa partekatzen, bizirik daudenekin behintzat. Kidego horietan suerte guztietako herritarrak daude, mota guztietako biktimak, torturatuak, estatuek errepresaliatuak nahiz ETAk berak jazarriak, baztertuak edota hitz batean "damutuak". ETAk eragindako kaltea onartzea ez al da egindakoaz "damutzea"? ETAk Euskal Herria deitzen duenak has lezake orduan gertatutakoa digeritzen. Eta guztia digerituta ere, hori egiteak ez du legea ezartzeko biolentziaren monopolioa dutenek "eurek eragindako mina eta inposizioa" aitortzea bermatuko. Espainiako eta Frantziako estatuek –ez berauek sostengatzen dituzten herritarrek ez agintariek– ez dute egindako minez eta kalteez ez "damu" ez dolurik aitortu beharrik. Euren legeek salbuetsita daude. ETAk Euskal Herria deitzen duen horrek badu zertaz lotsatu, eta zertaz beldurtu ere. Ostera, zertan daude Euskal Herria horretaz harago eta honago daudekeen Euskal Herriak? Ba al dago Euskal Herria izaterik Espainia eta Frantzia izanda, ba al dago bi estatu hauek –ondoan– izan gabe? Ba al dago Euskal Herria izaterik –ETAk Euskal Herria deitzen duen hori– ETA desegin edo amaitu ostean?
news
argia-d8527778b38e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/gizarte-aktibatua.html
Gizarte aktibatua
Mikel Irizar
2018-05-13 00:00:00
Gizarte aktibatua Duela aste batzuk, pentsiodunak gai izan ziren hiriburuetako kaleak betetzeko. Aldarri argia eta zentzuzkoa landu dute, eta horren inguruan ari dira biltzen, gero eta gehiago, gero eta trinkoago. 70eko hamarkadan demokraziaren alde mugitzera ohitu ziren belaunaldiak berriro mugitzen hasi dira, eta ez dira geratuko. Egun gutxi lehenago, emakumeen txanda izan zen. Indar erakustaldi handia egin zuten; militantziaren esparrua gaindituta, emakumeen aldarria gizarte osora zabaldu den seinale. Emaitza ikusita, klase politikoa lotsagorritu egin zen hasieran eta moretuz doa ondoren. Hau ere ez da berehalakoan apalduko. Bi dinamika indartsu hauek, gainera, elkarri begira jarri dira, interes komunen bila. Eta interes komunak ez dira aurkitzen zailak. Oraindik pentsiodun ez dena izango da noizbait, eta belaunaldi arteko elkartasuna azalpen handirik gabe ulertzen da. Bestalde, pentsiodunen artean emakumezkoak dira kaltetuenak, gehien irabazteko dutenak. Aliantza naturala da, eta indar oso handia har lezake. Gehiago ere bai. Gure Esku Dago dinamika orain arte metatutako gizarte atxikimendua erakunde publikoetara bideratzekotan da, hauetan eragiteko. Ekainerako giza-kate erraldoia iragarri du, Donostian abiatu eta Bilbon zehar Gasteizko Legebiltzarreraino; bertan herri ordezkariei emango zaie Herritarron Ituna izeneko arrazoi bilduma erabakitzeko eskubidearen alde. Ehun mila lagunetik gora lotuko dira berrehun kilometroko tartea betetzeko. Eta udagoien hondarretan gauzatuko da Euskaraldiaren lehen olatua. Euskaraldia da hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamika, hizkuntza berdintasunera bidean. Gizartea astindu nahi du euskal hiztunaren egoera hobetzeko helburuarekin, erdal hiztunari ulertzeko eskatuta. Eta orain artekoak argi erakusten du hau ere birala dela, zabalkunde azkarra eta handia ari dela izaten. Dinamika horiek guztiek badute oinarri komun bat: denek bilatzen dute gizartearen aktibazioa eskubide oinarrizkoen alde, jabekuntza prozesuak dira erabakimena eta eragin-indarra gizarteari itzultzeko norabidean. Oso posible da hiritar bera bi dinamiketan, hirutan edo lauretan jardutea, guztiz koherentea litzateke hori. Bada, etorriko balitz halako bateratasun bat mugimendu guztion artean, gizarte tsunami bat gertatuko litzateke hurrengo hilabeteotan, gure egitura instituzional eta politikoak astindu ditzakeena. Katalunian gertatu denaren antzera, han independentziaren alde eta hemen eduki anitzagoekin. Han eta hemen, gizarte aktibatua eskubide oinarrizko eta unibertsalen alde. Eta 2019a hauteskunde urtea da...
news
argia-26b3fc556ad7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/despopulatzea-nafarroan.html
Basamortua menditik harago?
Urko Apaolaza Avila
2018-05-06 00:00:00
Basamortua menditik harago? Pirinioetan eta beste zenbait lurralde menditsutan ezezik, landa guneko herri handi askotan ere populazioak behera egin du azken hamar urteetan Nafarroan, lurraldearen metropolizatzea norainokoa den agerian utziz. Zeresana ematen ari da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak duela gutxi aurkeztu duen lurraldearen biztanleriari buruzko txostena. Orain arteko hainbat joera baieztatzeaz gain –herri txiki asko jendez husten ari dela–, ikusi gabeko beste hainbat datu kezkagarri ekarri ditu: Nafarroako landa gunean herritarrei zerbitzuak eskaintzeko garrantzitsuak diren hainbat herri historikotan ere (Lizarra, Zangotza, Tafalla...) behera egin du erroldak 2007tik hona. Txostena Concejo aldizkarian argitaratu du federazioak eta bere presidente Pablo Azcona Lodosako alkateak (independentea) Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren Batzordean aurkeztu zuen apirilaren 17an. Nafarroako biztanleriak hazten jarraitu du azken hamarkadan (+37.000), nahiz eta askoz modu apalagoan –krisiaren aurretik 100.000 lagun iritsi ziren lurraldera lan egitera urte gutxian–. Arazoa metropolitze prozesua da. Azkonak azaldu zuenez, hamar urteotan Iruñerriak eta bere "gerrikoan" dauden udalerriek jarraitu dute hazkunde handia izaten –biztanleriaren %51 barnebiltzetik %54ra igaro dira– eta aldiz, Nafarroako eremu "landatarrenak" despopulatze bidean dira: "Herri oso txikiez ari gara eta desagertzeko arriskuan daude", gaineratu zuen. Nafarroa Erdialdeko eremu zabaletan behera egin du biztanle kopuruak eta hondoratze demografikoa eskualdeetako hiriburuetara iritsi da jadanik. Tafallak nozitu du jaitsiera handiena: 477 lagun gutxiago bizi da bertan Bereziki Pirinioetan, Zangotzako eskualdean eta Estellerriko mendebaldean gertatzen ari da odoluste handiena ehunekotan: badira udalerriak euren biztanleen %30 galdu dutenak. Jurramendiko bazter batean dagoen Piedramillera herria da denen buru, herritarren %38k ospa egin du azken urteetan eta 60 biztanletik 37ra igaro da. Ranking horretan badira agian ezagunagoak zaizkigunak: Erronkari (-%25), Auritz (-%21), Uxue (-%21)... Eskualdeetako hiriburu historikoen gainbehera Eskualde menditsu horietan despopulatzearen arazoarekin aspaldi daude zailduta eta euren aldarrikapenak aurrera eramateko antolatzen ari dira; Pirinioetako belaunaldi berriak, esaterako, bizimodua ateratzeko alternatibak lantzen hasi dira (ARGIAren 2.565. zenbakian kontatu genizun). Baina basamortua menditik harago ari da hedatzen, azken txostenari behatzen badiogu. Nafarroa Erdialdeko eremu zabaletan behera egin du biztanle kopuruak eta hondoratze demografikoa eskualdeetako hiriburuetara iritsi da jadanik. Tafallak nozitu du jaitsiera handiena: 477 lagun gutxiago bizi da bertan. Lizarra, Zangotza, Mendabia, Irunberri... Herri koskor horietan guztietan erroldak behera egin du: "Orduan eta biztanle gutxiago, zerbitzu gutxiago, bukatzen ez den soka da", esan zuen udal eta kontzejuen federazioko presidenteak. Fenomeno hori Erriberan ere nabaritu dute. Herritarrak gero eta gehiago Tuterako Erriberan ari dira kontzentratzen –Nafarroako bigarren hiri handienak 35.000 biztanletik gora du jadanik–, eta Falces, Valtierra, Cascante, Fitero, Cortes eta tamaina erdiko herri askok pisu demografikoa galdu du. Zenbait kasutan arrazoia hirigintza garapen eta politiketan aurki daiteke. Barañainek, adibidez, 1.700 biztanle galdu ditu, "udalerri guztia erabat urbanizaturik, hazkunderako aukerak agortu ditu", dio txostenak. Beste zenbaitetan saihestezina da desindustrializazioaren mamuan pentsatzea: Sakanan dozenaka lantegi garrantzitsu itxi dituzte urteotan –langabezia hirukoiztu egin zen krisiarekin– eta horren ondorio izan daiteke Altsasu, Olazti, Irurtzun eta antzeko herrietako populazio gainbehera 2007tik hona. Orekatu vs zentralizatu Baina egiturazko arrazoiak ere badaude, Gaindegiak Euskal Herri osorako datuak erkatu ditu Espainia eta Frantziako estatuetako iturri ofizialak kontuan edukita eta gorabehera handiak atzeman ditu baita ere Lapurdiko kostaldean, Zuberoan eta Araban, landa guneen hustearekin zerikusia dutenak. Zenbait kasutan despopulatzearen arrazoia hirigintza garapenean aurki daiteke; beste zenbaitetan saihestezina da desindustrializazioaren mamuan pentsatzea: Sakanan dozenaka lantegi garrantzitsu itxi dituzte urteotan Imanol Esnaola euskal behategiko koordinatzaileak Berria -n azaldua du aspaldi ezarritako lurralde egituraren ajeak direla horiek –Arabako A-1 autobidearen ardatzak, esaterako, probintzia horretako baliabideak bereganatu ditu– eta lurralde antolamendurako irizpideak ezartzeko egungo eztabaidek asko dutela hortik: orekatu edo zentralizatu. 1990etik zehaztu gabe dagoen Nafarroako tokiko administrazioaren "mapa" onartze bidean da, lege aurreproiektuari azken ukituak eman ostean. Hamaika eskualde eta hiru azpi-eskualde aurreikusten ditu eta egungo mankomunitate eta partzuergoak desagertuko lirateke gehienean, baina eskualde horiek hurbiltasun printzipio subsidiarioari eutsiko liokete zerbitzuak eskaintzeko. Pablo Azconak legebiltzarreko agerraldian eskatu zuen herri guztietan gutxieneko azpiegiturak egotea: "Nafar guztiek oinarrizko zerbitzuak eta bizi kalitatearen gutxieneko estandarrak izateko duten eskubideaz ari gara". Narriadura demografikoa eta hondamendi ekonomiko nahiz kulturala eteteko balioko ote du Nafarroako mapa berriak?
news
argia-86283f75c420
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/eaj-eta-rajoyren-gobernua-akordiora-iritsi-dira-pentsioen-igoera-aurrekontuak-erraztearen-truke.html
EAJ eta Rajoyren gobernua akordiora iritsi dira: pentsioen igoera, aurrekontuak erraztearen truke
ARGIA
2018-04-25 00:00:00
EAJ eta Rajoyren gobernua akordiora iritsi dira: pentsioen igoera, aurrekontuak erraztearen truke EAJk iragarri duenez, Espainiako Gobernuak onartu du pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera igotzea 2018an eta 2019an, aurreikusita zegoen pentsio minimoen %3ko igoeraz gain. Gainera, 2023ra arte atzeratuko litzateke "jasangarritasun faktorea" deiturikoa, 2019an indarrean sartzekoa zena. Beste zenbait neurri ere adostu dituzte, adibidez, %56ra igoko dela alargun geratzeagatik pentsioa jasotzen dutenen oinarri erregulatzailea; eta hurrengo urtean oinarri hori %60raino igotzea. Trukean, Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak azaldu du bere taldeak kontra bozkatuko duela Rajoyren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketa guztietan. Joan den ostiralean eman zuen EAJk gaurko erabakia etor zitekeela adierazten zuen urratsa: Espainiako Gobernuaren aurrekontuei osoko zuzenketarik ez ziela jarriko iragarri ondoren, jeltzaleen hurrengo mugimenduaren zain zegoen prentsa guztia. Asteazkenean iragarritakoak asko leuntzen dio bidea PPri, Espainiako Estatuan indarrean jarri nahi dituen aurrekontuek aurrera egin dezaten. Ostegun honetan bozkatuko dira Kongresuan Rajoyren exekutiboak aurkeztutako kontuei jarritako osoko zuzenketak. Sei dira guztira, eta EAJrekin Rajoyri zenbakiak ateratzen zaizkio: 175 ordezkariren babesa izango luke osoko zuzenketak atzera botatzeko –PP, Ciudadanos, UPN, Coalición Canaria, Foro Asturias eta EAJrenak–, oposizioko indarren beste 175en kontra –PSOE, Unidos Podemos, ERC, PDeCAT, Compromis eta EH Bildu–. Hiru botaziotan berdinketa gertatuko balitz, PPren aurrekontuek aurrera egin ahalko lukete. Kataluniako egoerak dirudi EAJren eta PPren arteko erabateko elkar ulertzean geratzen den azken pieza, baina ostegun honetako tramitea gaindituta, aurrekontuek bizirik eutsiko dute maiatzaren 22tik aurrera. Epe hori da muga Katalunian presidentea aukeratzeko marra gorria. Inbestidura horrekin, 155. artikulua kenduko litzateke eta EAJk posible izango luke aurrekontuen babesari buruz esandakoari eustea –alegia, ez zuela Rajoy babestuko 155. artikulua Katalunian indarrean zegoen bitartean–. Estebanek adierazi du asteartean Mariano Rajoyk eta Andoni Ortuzar bildu ostean onartu dela planteamendua.
news
argia-4d802a317017
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/zuhaitzak-gerraz-gogoratzen-dira.html
Zuhaitzak gerraz gogoratzen dira
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-05-13 00:00:00
Zuhaitzak gerraz gogoratzen dira 1944ko azaroaren 12an Tirpitz ontzi alemaniarra bonbardatu eta hondoratu zuten britainiarrek Norvegiako fiordoetan, argazkian ikusten den moduan. Hain zuzen, horrelako erasoak saihesteko asmoz, alemaniarrek laino artifiziala sortzeko kanoiak erabili zituzten ia bi urtez. Laino kimiko horrek azido klorosulfurikoa zeukan, substantzia oso korrosiboa. Orain, Mainzeko (Alemania) Johannes Gutenberg unibertsitateko ikerlariek ontzia ainguratuta egon zen inguruko zuhaitzen hazkunde-eraztunak aztertu dituzte: 1943 eta 1944 urteetan eraztunak ia desagertu ziren eta zuhaitzek 12 urte behar izan zituzten bere onera etortzeko. Bigarren Mundu Gerraren kalteak ezin susmatuzko tokietan topatzen dira oraindik.
news
argia-bf0ef667feb3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/hamar-urtez-aralar-magalean-permakultura-irakasten.html
Hamar urtez Aralar magalean permakultura irakasten
Garazi Zabaleta
2018-05-06 00:00:00
Hamar urtez Aralar magalean permakultura irakasten "1986ean ezagutu nuen nik permakultura, 15 urte nituela. Orain 52 dauzkat". Oso gaztetatik sortu zitzaion Victor Barahona Ormazabali permakulturarekiko interesa. Garai hartan ez zuen formaziorik eta ezta lurrik ere. "Urteetan egon nintzen permakulturaz ikasten egunen batean nire lurrak lortzean horiek lantzen jartzeko asmoz", azaltzen du. 2008an, azkenean, iritsi zen momentua: Azpirotzen (Nafarroa) lursaila erosi eta Permacultura Aralar proiektuari hasiera eman zion. Hamargarren urteurrena beteko dute maiatzean. Permakultura, nekazaritzatik harago doan filosofia "70. hamarkada inguruan jaio zen permakulturaren kontzeptua, Australian. Guneak, lursailak eta laborantza lekuak natura ahalik eta hobekien imitatuz diseinatzea bilatzen du", aipatu digu Barahonak lehen azalpenean. Mundu osoan erabili izan diren antzinako nekazaritza teknikak darabiltzate permakulturan, espezie iraunkorrak ereitea edota labore elkartuak erabiltzea dira horietako batzuk. Dena den, proiektuaren bultzatzaileak azpimarratu du hasieran nekazaritzari soilik lotutako kontzeptua zena bestelako esparruetara ere zabaldu zela segituan —gizartea, hezkuntza…—. Permakulturaren aldekoa izanik ere, mugimenduari egin ohi zaizkion kritikak ez ditu ezkutatzen Barahonak. "Egia da permakulturaren mugimenduan ikusgaitasun handiena dutenak gizon anglosaxoi zuriaren profilekoak direla. Hala ere, eta mugimendua profil horretako pertsonek sortu bazuten ere, urteekin bestelako jendea gehitzen joan zaio, eta aipatzekoak dira Afrikan edota Erdialdeko Amerikan permakulturarekin lotuta duten proiektu askotarikoak", azaltzen du. Bisita gidatuak eta hitzaldiak Azpirotzeko lursailean Igandeetan bisita gidatuak antolatu ohi ditu Barahonak bere lurretan. "Lau orduko bisitetan gunetik buelta bat ematen dugu tokia ezagutzeko eta permakultura printzipioak jarraituz dena nola dagoen diseinatuta ikusteko", dio. Bisitariek lauburu formako mandala baratzea, negutegi-biofrabrika gunea, lurreko presa autoeraikia edota frutalen guneak ezagutuko dituzte, sortzailearen azalpenekin lagunduta. "Ekoherrixkekin eta kolektiboekin lotuta egon da urteetan permakultura, eta familia mailako esperientzia gutxi zeuden, ustiapen txikikoak". Hutsune hori betetzeko asmoz sortu zuen Permacultura Aralar Barahonak , eta hutsune hori betetzeko asmoz jarraitu nahi du lanean. "Permakultura utopiatzat hartzen duen jendea badago, zerbait perfektutzat hartzen duena. Landa eremuetako jendea, berriz, oso eszeptikoa izan ohi dira gaiarekin. Ni erdibidean kokatzen naiz, nolabait: batez ere hiriko jendeari zuzentzen natzaio, eta ez nabil nekazariak lan horrela egiteko konbentzitzen. Baina gauzak beste era batera egin daitezkeela ikusaraztea bada nire asmoa".
news
argia-a9361661ae43
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2433/atlantropa-afrika-eta-europa-josita.html
Atlantropa: Afrika eta Europa josita
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-10-19 00:00:00
Atlantropa: Afrika eta Europa josita Alemania, 1920ko hamarkadaren amaiera. Herman Sörgel (1885-1952) arkitekto alemaniarrak Europa eta Afrika fisikoki batzeko proiektu handizalea prestatu zuen, Gerra Handiaren ondorengo krisi orokorrari aurre egitea xede. Sörgelek uste zuen Afrikari ez zitzaiola inolaz ere behar bezalako etekinik ateratzen, eta Mediterraneo itsasoak hiri eta estatu berriak sortzeko erabil zitekeen lur-eremu aproposa betetzen zuela. Proiektutzarrari Atlantropa esan zion eta, besteak beste, Gibraltar itsasartean presa bat aurreikusi zuen, ozeano Atlantikoari bidea itxiko ziona eta energia elektrikoa sortzeko erabiliko zena. Dardanelos itsasartean beste presa bat eraikiko zuten. Bi ertz horiek itxita itsasoko ura pixkanaka lurrunduko zen eta, hala, urpeko eremu asko berreskuratuko ziren. Ondoren, baliabideak eskuratzeko aukera egongo zen lur eremu lortu berrietan. Sörgelen kalkuluen arabera, mende erdi pasatxoan 600.000 kilometro koadro inguru berreskuratuko ziren. Baina ur hura guztia ez zen lurrunketa mantsoaren menpe egongo; lehentasunezko helburuetako bat Mediterraneo itsasoaren zati bat Afrika erdialderaino kanalizatzea eta han itsaso artifizial bat sortzea zen; Saharako basamortua ureztatu eta laborantzan ustiatzeko lurrak lortuko omen ziren Mediterraneoko lur afrikaratuari esker. Zentzurik eta etorkizunik gabeko proiektua badirudi ere, arkitekto eta ingeniari ezagunen babesa lortu zuen Sörgelek; Peter Behrensena, esaterako. Baina proiektua gauzatu zezaketenek, agintari politikoek, ez zioten jaramonik egin. Adolf Hitlerren igoera gogo onez eta itxaropentsu hartu zuen Atlantroparen aitak. Kontinente berri bat sortzeko ideia buruzagi naziaren megalomaniarekin bat etor zitekeela pentsatu zuen, baina Hitlerrek hasieratik baztertu zuen. Alemaniar nazien babesik gabe, Sörgel antipodetara joan zen laguntza bila: juduengana. Erich Mendelsohn arkitektoarekin batera, Sörgelek uste zuen Atlantropan kolono juduentzat nahikoa toki egongo zela eta, hala, juduek ez zutela palestinarrei lurrak kentzeko beharrik izango. Baina Bigarren Mundu Gerrak Sörgelen itxaropen urriak uxatu zituen; gobernuak arduratuago zeuden suntsitzeaz eraikitzeaz baino.   1952an, Municheko Unibertsitatean hitzaldi bat ematera bizikletan zihoala, auto batek jota hil zen arkitekto ameslaria.
news
argia-f069cf6ba0eb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2433/nondik-dator-bloody-mary-koktelaren-izena.html
Nondik dator Bloody Mary koktelaren izena?
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-10-19 00:00:00
Nondik dator Bloody Mary koktelaren izena? Maria I. Ingalaterrakoari (1516-1558) Bloody Mary (Maria odoltsua) ezizena ipini zioten protestanteen aurkako jazarpen gogorragatik. Baina tomate zukuz eta vodkaz osatutako koktel ezaguna ez omen zuten erreginaren omenez bataiatu. Batzuek uste dute Mary Pickford aktorea dagoela izenaren jatorrian, edo Chicagoko Bucket of Blood tabernako Mary izeneko zerbitzaria. Hipotesi zabalduenaren arabera, 1920an Fernand Petiot asmatzaileak koktela Vladimir Smirnoventzat (Smirnoff vodkagile sendikoa) prestatu zuen eta edabeari Vladimir izena jarri zion. Ingeles hiztunak "Vladimir" oker ahoskatzen hasi ziren eta, azkenean, emaitza Bloody Mary izan zen.
news
argia-9862dff06e73
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2433/eus-luzapena-aukeratzearen-ondorioak.html
.eus luzapena aukeratzearen ondorioak
Joxerra Aizpurua
2014-10-19 00:00:00
.eus luzapena aukeratzearen ondorioak Zergatik eskuratu behar dut .eus luzapena duen domeinua? Luzapen berrira aldatzeak zertan eragiten du indarrean ditudan webgunean, posta elektronikoetan eta abarretan? Mende hasieran galdera ohikoenak .com, .net, .edu edo .org luzapena zuten domeinuen komenigarritasunari buruzkoak izaten ziren. Hego Euskal Herrian, nire inguruan behinik behin, oso gutxik galdetu zuten .es luzapenaz; bestek beste, euskaldun izatearen eta .es luzapena erabiltzearen arteko kontraesanean, agerian geratzen baitzen gatazka historikoa. Hala ere, Hego Euskal Herriko administrazio askok .es luzapena aukeratu zuten euren domeinu-izenari eransteko. Ipar Euskal Herrian antzeko prozesua gertatu zen .fr luzapenarekin. Internet gizarteratu denetik hogei urte eskas igaro dira, eta une honetan ehunka luzapen erabil daiteke. Administrazioek euren herrialdeetako luzapenak erabiltzen dituzte, eta mundu osoan enpresek .com, .net eta tankera horretako luzapen klasikoak nahiago badituzte ere, gero eta gehiagok aukeratzen dute herrialde batekoa, batez ere euren produktuak herrialde horretako hizkuntzan saldu nahi dutenean. Euskal Herrian .eus luzapena eskuratzen ari diren askok eta askok nortasunarekikoa dute .eus-era jauzia egiteko arrazoi nagusia; baina erabakiaren ondorioak webgunea domeinuz aldatzetik harago doaz: erakundearen aurkezpen txartelak, posta elektronikoa, marka erregistratuak, merkatuko produktuen fitxa teknikoen kokapena eta beste hainbeste ezaugarri aldatu behar dira. Eta horrek kostua du. Beraz, .eus harrotasunez eskuratzen badugu lehen unean, berehala pentsatu behar dugu gure erakundearen jarduerari marka hori komeni zaion ala ez. Gure salmenta-bide nagusiak atzerrian baldin baditugu, "Basque country" markak izan dezakeen indarraren araberakoa izango da gure interesa; baina gure jarduera batez ere Euskal Herrian kokatzen bada, .eus luzapenak psikologikoki lagundu gaitzake bezeroak gutaz duen pertzepzioa positiboago bihurtzen.
news
argia-a467d618e1e0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/errusiak-lehenbizikoz-aitortu-du-irail-amaierako-kutsadura-erradioaktibo-handia.html
Errusiak lehenbizikoz aitortu du irail amaierako kutsadura erradioaktibo handia
Pello Zubiria Kamino
2017-11-21 00:00:00
Errusiak lehenbizikoz aitortu du irail amaierako kutsadura erradioaktibo handia Istripua gertatu eta ia bi hilabete behar izan ditu Errusiako erakunde batek (Rosguidromet meteorologia agentziak) onartzeko normalean baino 1.000 bider handiagoko Rutenio-106 kopuruak aurkitu dituela Txeliabinsk eskualdean, Uraletan, "oso kutsadura larria" bere hitzetan. Alarma areagotzen ari da Europa osoan. Azaroaren 21eko goizean zabaldu dute agentziek : "Rosguidromet meteorologia zerbitzuak asteartean esan du Ural mendietan neurtu dutela ohikoa baino 1.000 bider handiagoa den kutsadura, isotopo erradioaktibo batek eragina. Istripuren bat gertatu dela iradokiz Errusiak eskaintzen duen lehenbiziko datua da. Badirudi datuak berresten duela IRSN nuklear segurtasuneko agentzia frantziarrak aurretik iragarritakoa; hark azaroaren 9an esan zuen laino erradioaktibo bat zegoela Europa gainean, zeinak adierazten duen irailaren azken astean istripuren bat gertatua dela Errusiako edo Kazakhstango lantegi nuklearren batean". Oraindik ez Errusiak eta ez Kazakhstanek onartu ez duten arren inolako istripurik bere instalazioetan, adituen begiak gero eta gehiago Txeliabinsk eskualdeko Maiak konplexu nuklear erraldoiari begira daude, Rosguidrometek kutsadura handiena hortik 30 kilometrora ezarritako estazio meteorologiko batean aurkitu duelako. Maiak korporazioak Txeliabinsken erregai nuklear erabiliak tratatu eta gai erradioaktibo berriak sortzen ditu, ikerketarako bezala medikuntzarako. Rosatom konpainia publikoaren Maiak usinak ekoizten ditu Errusiak esportatzen dituen isotopo erradioaktiboen erdiak. 1957an Maiak faktorian gertatu zen historiako istripu nuklear larriena. Euskarazko Wikipedian irakur daitekeenez, Maiakeko hozte sistemetako batek eztanda egin zuen eta bildutako erradioaktibitatearen erdia baino gehiago (Txernobylgo hondamendian baino gehiago) atmosferara irten zen. 1.000 kilometro koadro kutsatu ziren. Ehunka lagun hil ziren eta beste milaka batzuk ebakuatu zituzten, baina gehiengoa han utzi zuten. Azkenean, 272.000 pertsonak jasan zituzten Maiakeko erradiazioaren ondorioak. 60 urte beranduago, zerbait gertatu da berriro Txeliabinsken.
news
argia-253469621788
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/kukua.html
Kukua
Aiala Elorrieta Agirre
2017-12-03 00:00:00
Kukua Kukuak maiatz aldera jotzen duenean, poltsikoan gordetako txanponen arabera urte osorako zoria neurtzen duenik badago. Kukuaren kantarekin batera heldu ohi zaigu ogasuneko errenta kanpaina eta horren neurria egiten dugu beste askok balorazioa: iaz baino gehiago edo gutxiago itzuliko diguten, ordaintzea egokituko ote zaigun... Tamalez, sinple bezain sinplista dira bai kukua eta baita zergen likidazioaren arau hori ere. Abenduan, kukuaren kanturik gabe, onartu ohi dira urte berrirako aurrekontuak, eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du honezkero 2018rako aurrekontu-proiektua. Aurretik dugun urtea baloratzerako orduan, diru-kontu horien atzean ezkutatzen denak era fidelagoan hurbiltzeko gaitu errealitatera. Badakit, erromantikoagoa da kukuaren kantua, eta askoz nekezago eta ulergaitzago zero asko duen zifra handiak baloratzea. Gainera, zifrak ezin dira era absolutuan konparatu: aurrekontuetako gastuen zenbatekoa herrialdearen aberastasun mailarekin eta bildutako zergekin lotuta ere badagoelako. Esate baterako, 2017ko diru-bilketan hazkundea egon den arren, aintzat hartu behar da aurtengo diru bilketarekin 2007an genuen mailan kokatu garela. Beraz, ez gaitezen gehiegi emozionatu! Hamar urte behar izan ditugu 2007an genuen diru-bilketa maila berreskuratzeko eta bitartean, noski, aurrekontuak murriztu eta zorra handitu egin dira. Horretaz gain, 2018ko aurrekontuproiektua baloratzeko orduan badaude baztertu beharreko bi kontu, aurrekontuen izaera goitik behera itxuragabetzen dute eta. Izan ere, aurrekontuaren tamaina %15ean murrizten da zorraren ordainketa eta AHTren tamainako lanak finantzatzeko diru aurrerapenak deskontatzen baditugu. Hortik aurrera, aurrekontua mugatzen duten beste bi freno handi daude. Lehena 2011ko abuztutik datorkigu: kukua eta lurtar asko udako oporretako lozorroan ginen bitartean, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen Zapaterok Alderdi Popularraren sostenguari esker. Erreforma honen bitartez, instituzio guztiek lehentasun gorena eman behar diote zor publikoaren ordainketari. Hau da, tokian tokiko gobernuei, benetako aurrekontu-politika aurrera eramateko egundoko oztopoa ekarri du erreformak. Arau neoliberalen instituzionalizazioan pauso garrantzitsua izan da eta era berean, 155. artikulua aplikatu beharrik gabe, erkidegoen autonomia bete-betean murrizten duen araua dugu. 2017ko diru-bilketan hazkundea egon den arren, aintzat hartu behar da aurtengo diru bilketarekin 2007an genuen mailan kokatu garela. Beraz, ez gaitezen gehiegi emozionatu! Hamar urte behar izan ditugu 2007an genuen diru-bilketa maila berreskuratzeko eta bitartean, noski, aurrekontuak murriztu eta zorra handitu egin dira Bigarren galga, 2017ko uztailetik dator eta Espainiatik datorkigun arren, Eusko Jaurlaritzari ez zaizkio inposatuak izan. Izan ere, EAJren sostenguari esker finkatu da, alde batetik, administrazio guztietako aurrekontuek izan dezaketen gehieneko defizita: autonomia-erkidegoen defizitak ezingo du BPGaren %0,4 gainditu 2018. urtean. Era mailakatuan, 2020. urterako defizitik ezingo dela izan adostu da. Defizita debekatzearekin batera, superabitari ere jartzen dizkio mugak "gastu-araua" delakoa. Diru-bilketa ondo ez doanean, gastua murriztu beharra dago, defizitaren muga betetzeko. Ostera, diru-bilketa ondo doanean eta superabita dagoenean ere, gastua ezingo da BPGa baino gehiago hazi. Horrek esan nahi du, gastu publikoa, errenta mailaren hazkundearen azpitik haziko dela. Horrela urterik urte, sektore publikoaren tamaina murriztuz joango da. Finean, Keynes-en politika antiziklikoak gauzatzeko eta sektore publikoan pausu aurrerakoiak emateko legezko muga da. Maila bat gorago, arau neoliberalen instituzionalizazio prozesuan. Ez gara oraindik heldu baloratzera, hezkuntzan, osasunean edota gizarte politiketan zenbat gastatuko den, baina honezkero susmatzen dut, aurrekontuaren muga guzti horiek ikusita, 2018. urtea ez dela hobea izango. Urte berria datorkigu  ku-ku ku-ku eta patrikak, tamalez, harriz beteta ditugu.
news
argia-494731b71d85
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/eraikitzeko-ordua.html
Eraikitzeko ordua
Mikel Irizar
2017-12-03 00:00:00
Eraikitzeko ordua Uste dut egintzat eman dezakegula euskararen prozesua aro berri batean sartzeko lehen baldintza: zoru komun bat identifikatzea, terminologia eta diagnostikoak hurbiltzea, lubakien gainean zubi behin-behinekoak jartzea... Zantzu asko dago, izan Korrikaren Santiago zubiko argazkia, Udaltop jardunaldiko ekimena, Euskal Herriko euskararen erakunde publikoen lankidetza akordioa... Azken zantzua, Kontseiluak berriki egin duen ekitaldian azaldu zuen diskurtso berriaren osagaiak: konplizitate publiko-soziala, hizkuntza politika elkarrekin birpentsatu, egitasmo partekatuak eta  jauzi esanguratsu bat egiteko aukera. Behin oinarrizkoa zen baldintza sortuta, ordua da zoru komun horren gainean eraikitzen hasteko. Eraiki beharko genituzke, ordena honetan:     1. Elkarrenganako konfiantza. Mesfidantzaren garaian, ohiko bihurtu zaigu solaskidearen hitzei baino intentzio ustezkoei gehiago erreparatzea. Konfiantza da sinestea solaskidearen nahia dela hain justu esaten ari zaigun hori, beste tolesdurarik gabe.     2. Ekimen partekatuak. Konfiantza igurtziarekin sortzen da; eta igurtzia, ekimen partekatuekin. Balekoa da batek antolatzea eta besteak atxikitzea, baina hobea da elkarrekin antolatzea eta gauzatzea, bide osoa elkarrekin egitea; ekintzan bezainbat, ideien artean ere igurtzia bilatzea. Praktikatzeko aukera ezin hobea da indartzen ari den aktibazioaren dinamika, ahobizi-en eta belarriprest-en festa.     3. Marko instituzionala. Aspaldi amestutako urratsak gauzatzen hasi dira, bai erakunde publikoen artean (euskararen herriko hiru administrazioen akordioa), bai erakunde publiko eta gizartekoen artean (HPS-Topagunea ardatza aktibaziorako). Marko hau osatu eta egonkortu egin behar da, prozesua baliabidez eta bermez hornitzeko. Erakunde publiko/sozialen egitekoa da baldintzak sortzea hiztunak bidea egin dezan, gero eta erosoago, haizea alde jarrita.     4. Ibilbide planifikatua. Behin bidean elkarrekin abiatuta, ezinbestekoa izango da ibilbidearen mapa adostea: epe jakin bateko helburua (25 urte?), haraino iristeko palankak eta palankariak (funtzio banaketa), tarteko helmugak eta helburuak, neurketa sistema, beharrezko baliabideak...     Lehen bi esparruak emozioekin lotzen dira, batipat, eta inguru hurbilean landu behar dira nagusiki, ohiko harremanen esparruan. Azken biak, aldiz, jakintza eskatzen dute borondateaz gain, eta egituren bidez ekin behar zaie. Alde horretatik, oso lagungarri litzateke gune bat propio sortzea, euskararen erakunde publiko guztiak eta unibertsitateak bilduko lituzkeena, ezagutza zientifikotik marko instituzional bateratua eta plangintza adostua bultzatzeko.
news
argia-6d246fb9358a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/ez-fidatu-inperioaz-nola-sarkozyk-kadafi-zukutu-eta-gero-hilarazi-zuen.html
Ez fidatu inperioaz: nola Sarkozyk Kadafi zukutu eta gero hilarazi zuen
Pello Zubiria Kamino
2017-12-03 00:00:00
Ez fidatu inperioaz: nola Sarkozyk Kadafi zukutu eta gero hilarazi zuen Eta Libian Frantziak egindako gerra, Magrebeko potentzia bat kaosean murgildu eta Mediterraneoa itsaso arriskutsu bilakatu zuena, izan baldin bazen ustelkeriaren arrastoak ezabatzeko operazio bat? Nicolas Sarkozyren eta Muammar al Kadafiren arteko harremanen bilakaera azkarrak hala iradokitzen du. 2011tik zabaldutako susmoak orain bi kazetari frantsesen liburu berriak berretsi ditu. Sarkozy-Kadafi afera lehenbizikoz 2011ko martxoan agertu zen hedabideetan. Urtarrilean oposizioaren kaleko manifestazio eta liskarretan hasitako mugimendua, udaberrirako gerra bilakatua zen. Tripoliko erregimena gainbehera zetorren eta Mendebaldeko potentzien artean Frantziak mehatxu egiten zion Libiari airetik erasotzearekin. Orduan esan zuen Muammar al Kadafik telebistako elkarrizketa batean: "Nik lagundu diot Sarkozyri agintea hartzen. Nik eman diot lehendakaritzara iristeko behar zuen dirua. Hona etorri zen, nire oihal etxolan bisitatu ninduen Barne ministro zela, eta laguntza eskatu zidan". Geroztik Frantzian asko aipatua izan bada Sarkozyren kanpainaren ustezko finantziazioa, orain Fabrice Arfi eta Karl Laske kazetariek lekukotasun eta dokumentu ugariz osatuta eskaini dute Frantzia eta Libiaren arteko harreman kontraesankorrak eta azken herrialde honen txikizioa hobeto ulertzeko azalpena. Mediapart hedabideak plazaratu die ia 400 orrialde dauzkan Avec les compliments du guide (Goraintziak gidariaren partetik). Mediapart ek sarean ipini du lekuko nagusiari egindako elkarrizketa, bideoan. Ziad Takieddine enpresa gizon frantses-libanoarraren ahotik John Le Carréren pertsonaia bat mintzo dela esan liteke. "Egun batean Abdallah Senoussik, Kadafiren atzerriko zerbitzuetako burua zenak, bere etxera deitu eta proposatzen dit ea eramango diodan diruaren zati bat nik neuk Claude Guéant Frantziako Barne ministroaren kabinete buruari. Baina nola egingo dut hori Frantzian sartzeko, galdetu nion. Barne ministroa informatuko dugu eta ez duzu arazorik izango. Ondoren bere anaiak ekarri zuen maleta bat diruz betea, lehenbizikoak 1,5 milioi euro zituela esango nuke, gehienak 500eko billeteak, 200eko batzuk ere bai". Biharamunean Afriqiyah konpainiaren hegaldian egingo du Tripoli-Paris bidaia. Aireportuan, inolako arazorik ez maleta aduanatik pasatzeko gainerako bidaiarien artean. Handik autoa hartuta Barne ministeriora. Atarian izena emanda zuzenean kabinete-buruarengana, maleta handia entregatzera. Takieddinek bi maleta gehiago eraman zituen Tripolitik Parisera, denetara bost milioi euro. Sei urte geroago, al Kadafi hil, gerrarekin bere erregimena desegin eta Libia hondamendi erabatekoan murgildu ostean, maleten bidaltzaile Abdallah Senoussik Nazioarteko Auzitegi Penalaren aurrean berretsi zituen kopuruok, baina ñabardura garrantzitsu bat erantsita: diru hura ez zen bi herrialdeetako zerbitzu sekretuen arteko inolako konponketatarako, baizik eta zuzenean Nicolas Sarkozyri Frantziako lehendakaritzarako kanpainan laguntzeko. Takieddinen lekukotasunagatik izan balitz, erraz baztertu ahal izango zuten dena Sarkozyren kontrako operazio bat baizik ez dela diotenek. Azken finean, lehendik beste hainbeste ustelkeria kasutan inplikatutako agentea da Takieddine, batik bat armen salerosketan hainbeste aldiz bitartekari lana egin duena. Baina Arfi eta Laskek beste lekukotasun eta batik bat dokumentu askorekin berretsi dute hark esana, Kadafiren eta Sarkozyren arteko harremanen panorama oso bat marrazteraino. Ez da Sarkozy, Frantzia da Kazetariek aipatzen duten agirietako  batek, epaileek egiazkotzat daukatenak, eskaintzen du eskandaluaren neurria: Libiako zerbitzu sekretuen buru Moussa Koussak Sarkozyri 50 milioi emateko erabakia apuntatu zuen bere oharretan. Ordainketa guztiak ez daude dokumentatuta, baina bai batzuk, Saudi Arabia edo Malasiatik barrena jauzi eginez iristen direnak Pariseraino. Diru horiek agertu dira gero aipatu Guéanten edo 2005etik 2007ra lehen ministro izan zen Dominique de Villepinen sakeletan, zenbait erosketaren fakturekin erakutsi denez. Diru asko, beti billetetan, eta nonbait gorde beharra zegoena. "2007an –diote kazetariek– Sarkozyren kanpainako zuzendari zen Claude Guéantek kutxa blindatu bat alokatu zuen Parisko banku batean, eta kutxa handia nahi zuenez, eman zioten bat gizona zutik sartzeko adinakoa". 2005etik 2007ra bitartean Frantziak eta Libiak adiskidetasun handiko bolada bizi izan zuten. 2007ko abenduan 6 eguneko bisita ofizial arrandiatsua egin zuen Libiako liderrak Frantzian. Al Kadafiri komeni zitzaion nazioartean estatu paria moduan zeukan isolamendua hausteko, eta itxurazko maitasun hura garesti ordaintzeko adina diru bazeukan. Bide batez Abdallah Senoussik Frantziako auzitegietan 1998an hegazkin baten kontrako atentatuagatik –170 hildako– zeukan auzia ere askatu nahi zuen. Frantziak berriz Libiari saltzeko asko zeukan, armak bezala teknologia edo zernahi material. Handik laster iritsiko zen gerra, ordea, 2011n. Arrazoi asko aipa daitezke Libiako matxinadaren eta gerraren pizgarri. Baina zer behar zeukan Sarkozyk Libian hain erasokor jokatzeko? Egia, gerra bat beti ondo datorkio aginteari eutsi nahi dion lehendakari bati, eta hauteskundeak 2012an ziren. Baina, gainera, horrelako gerra nahasietan beti dago arriskua dokumentazio eta froga minberak gordelekuetatik aterata galtzeko, edo komeni ez den norbaiten eskuetara iristeko; ondorioz, hobe norbera okupatzea gera daitezen. Liburuak, ordea, ez die errua soilik Sarkozy, Guéant, eta enparauei gaineratzen. Erakutsi nahi dute ustelkeria Estatuaren bihotzean dagoela sartua. Frantziako pertsonalitate gorenek Errepublikaren atal ilunenak utzi dituzte fidatzekoak ez diren Takieddine bezalako pertsonen eskuetan. Eta gero dena konplikatzen denean abandonatu egiten dituzte Estatuak egin ezin dituenak egiteko balio duten horiek: diruz betetako maleten eramaileak, berdin paradisu fiskaletan inbertitzeko edo armen salerosketen komisio ezkutuak ordaintzeko. "Lobby militar-industriala badago Frantzian ere" diote kazetariek. "Erakutsi nahi izan dugu jokabide berak, eta protagonista berak, aritu direla jokoan gutxienik Balladurren garaietan hasita [Mitterranden bigarren lehendakaritzan, 1993-1995] Sarkozyrenganaino". Irakurleak galde lezake, arrazoiz, hori horrela izanik nolaz iritsi diren informaziook publiko zabalarenganaino, berandu bada ere. Menturaz lobby militar-industrialak erabaki duelako Sarkozy bera ere aski zukutu ostean ostikadaz kanporatzeko garaia dela? Zeren eta sekretuak gorde behar direnean erruki gutxi baitute aginte erreal horiek. Libiako petrolio ministro ohi Choukri Ghanem , Sarkozyrentzako diruen lehen erreziboen egilea, 2011n matxinoetara pasea, itota azaldu zen Vienan Danubio ibaian 2012an.
news
argia-2dc7f53686af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/roger-espanol.html
"Gomazko balak mundu guztiari debekatzea nahi dut, ez soilik Mossoei eta Katalunian"
La Directa
2017-12-03 00:00:00
"Gomazko balak mundu guztiari debekatzea nahi dut, ez soilik Mossoei eta Katalunian" Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumean begi bateko ikusmena galdu zuenetik lehen aldiz mintzatu da publikoki Roger Español. Espainiako Polizia Nazionalak tiro egindako gomazko bala batek jota bizitza aldatu diote. Bartzelonako Ramon Llull eskolan gertatu zen. Espainiako Poliziaren dispositibo zabal bat bozketa oztopatzeko hautestontziak eta botopaperak kentzera joan zen. Agenteen esku-hartzearen ostean, gomazko bala batek aurpegian jo eta astebetetik gora egon zen ospitaleratuta. Kataluniako Parlamentuak munizio hau debekatu egin zuen –herri presioaren ondorioz– 2014ko apirilaren 30ean, baina horrek ez zuen ekidin Espainiako Poliziak erabiltzea, betoak Esquadra Mossoei bakarrik eragiten baitie. La Directak esklusiban hitz egiteko aukera izan du berarekin. Zerk bultzatuta joan zinen urriaren 1ean Ramon Llull eskolara? Espainiako Gobernuak Kataluniarekiko egin duen bidea ikusi nuen, eta boto eskubidea eta biltzeko eskubidea ukaezinak direla uste nuelako bertan egon nahi izan nuen, nire presentzia baliagarria izan zitekeelako han. Demokraziaren alde nago eta niretzat boto eta biltzeko askatasuna da demokrazia, bakoitzak pentsatzen duena modurik onenean esan dezala. Une horretan, bakoitzak uste zuena bozkatzea zen modurik onena. Batez ere boto eskubidea defendatzera joan nintzen hara. Lehentasunezkoa zen botoa eman eta erabakitzeko aukera izatea. Zure kasu zehatzetik harago, gertatu zena gerta zitekeela uste zenuen orokorrean? Ez nuen inondik ere pentsatu Poliziak modu horretan kargatuko zuenik, ez egon ez zen bestelako biolentzia bati erantzun gisa soilik, baizik eta botoa ematera joan nahi zuen jendearen aurkako errepresio gisa. Ez nuen uste biolentzia eta errepresioa maila horietara helduko zirenik. Argazkia: Victor Serra. Nola bizi izan dituzu prozesu independentistako urte hauek, nola pentsatzen zuen Rogerrek orain urte batzuk eta zer pentsatzen du egun? Oso gazte nintzenetik, ez dut ez banderetan, ez mugetan sinetsi, baina dena aldatu egin da azken urteetan Kataluniarekin egin duten politika txarra ikusi ostean. Horrez gain, uste dut Espainian, uste dut trantsiziotik hona hartutako erabakiak nahiko mingarriak izan direla. Orain urte pare bat ez nintzen ez independentziaren aldekoa ez aurkakoa, gehienbat nire gazte garaiko eta ondorengo bizipenengatik, pentsamendu anarkistaren bueltan ibili naiz, baina denborak aurrera egin ahala, Espainiako Estatuarekin kontsentsuzko irteera logiko batera heltzeko biderik ikusten ez dudanez, politika egiteko modu honetatik burua ateratzeko aukera bakarra alde egitea dela ikusi dut, independentzia bilatzea eta beste bide batzuk probatzea. Ez zaitu beraz Espainiako jendearen aurkakotasunak mugitzen. Bai zera! Kontrakoa, nik daukadan aurkakotasun bakarra Espainiako Gobernuarekin daukat, jendearen eta herriaren aurka inondik ere ez. Nik asko bidaiatu izan dut, musika taldeetan jotzen dut eta Espainia osoan eta alde guztietan ibili izan gara. Kanpotik etorritako familia eduki izan dut, nire bikotearen familia osoa andaluziarra da eta maitagarriak dira, ez daukat ezer Espainiaren aurka. Gustuko dut kanpora atera eta jotzea, Madrilera joatea eta jendeak nola erreakzionatzen duen ikustea, ongi pasatzea. Hau guztia ez da Espainiako herriaren aurka, Espainiako politikaren aurka baizik. Nolakoak izan dira gertatu zaizunarekiko erreakzioak, zerk lagundu zaitu eta indarra eman, eta zerk sentiarazi zaitu gaizki? Nire inguruarekiko hitz onak baizik ez dauzkat. Jende guztia gainean izan dut, galdetu didate. Ni neu, estu sentitzera heldu naiz erantzuteko mezu asko nituelako, egin nahi bainuen, baina batzuetan pixka bat estresatzen nintzen. Oso ongi portatu dira nirekin, moduren batean edo bestean laguntzeko prest. Hedabideei dagokienez, berriz, bi aurpegiak ikusteko aukera izan dut: salaketarako errespetuko kazetaritza batetik, eta erabat kanibala bestetik, edozeren gainetik pasatzeko prest, soilik argazki bila, sentsazionalista. Nire bikotekideak deika izan ditu sarri. Lehen egunetan, ospitalean kazetari bat baimenik gabe sartzen saiatu zen. Horrek eragin zuen ni are gehiago bakartzea, eta eskertu nuen. Argazkia: Victor Serra. Babes politikorik jaso duzu? Jarri al da inor zurekin harremanetan? Ospitalean Ada Colauren bisita jaso nuen, zer moduz nengoen galdetzera eta Bartzelonako Udala prozesu judizialean sartuko zela azaltzera etorri zen. Toni Comín kontseilaria ere etorri zen, Osasun sailetik, nire egoeraz kezkatuta eta nolabait lagundu zezakeen bere burua eskaintzera... orain, zoritxarrez, ezingo luke. ANC eta Òmnium ere jarri ziren nirekin harremanetan, baita Stop Bales de Goma eta Ester Quintana ere, bere bizipena kontatzera etorri zitzaidan. Garrantzitsua izan zen niretzat, aurrerantzean egin beharko dudan biderako prestatzen lagundu baininduen. Gertatu zena gertatu ostean zer nolako indarra duen ikusteak asko animatu ninduen. Zer esperantza daukazu eta zer lortu nahi duzu orain hasiko den auzibidearekin? Ahaleginduko naizen gauza nagusia, nahi eta desio dudana, mundu guztiarentzat gomazko balak debekatzea da, ez soilik Esquadra Mossoei eta Katalunian. Urriaren 1ean antolatu zuten polizia operazioa ere salatu nahi dut, Gobernu batek erabaki baitzuen hori guztia. Egin zuten makurkeria ikusarazi nahi dut, pentsa dezatela pixka bat horrelako erabakiak hartu aurretik zer mailatara heldu daitezkeen, bulego batetik egiten baitute dena oso urrun geratzen zaiela. Pertsonei min egiteko moduko mailetara heltzen dira politikariek har ditzaketen erabakiak. Han jende asko geunden, niri gertatu zitzaidana beste edonori gerta zekiokeen, gomazko bala asko egin baitzituzten tiro Ramon Llull eskolan eta hori ez da onargarria, bide honetatik ezin dugu jarraitu. Egun horren ostean, zer aldatu da zure pentsamenduan? Pertsonalki gauza asko aldatu zaizkit. Baliteke oraindik oso goiz izatea, dena oso beltz ikusten dut eta beste modu batean bizitzen hasi behar dut. Ziurrenik ohituko naiz horretara ere eta Ester Quintanak esan zidanez, itzuliko da dena normaltasunera. Oraingoz ez da bueltatu, eta horretan nago, baina herri honetan politika egiteko moduaz dudan ikuskera aldatu da batez ere. Ez zait batere gustatzen. Urriaren 1ean marra gorri bat gurutzatu zela uste dut eta jada ez dago atzera bueltarik. Gerora, marra gorri gehiago pasa dituzte, Jordiak eta Gobernuaren parte bat espetxeratuta. Niretzat behintzat, egun horretan marra bat igaro zuten eta argi daukat ezin dela berriz ere gertatu. Hemendik aurrera gauzak beste modu batean ikusi behar ditugu, ez dut nahi nik neuk, ez Kataluniak kaka zahar honen parte izaten jarraitzerik. Honen atzean helburu politiko bat bazuten, zurekin behintzat ez dute lortu. Ez, nirekin guztiz kontrakoa egin dute. Garbi esango dut, ni lehen ez nengoen independentziaren alde. Orain, politikoki, uste dut ezin dugula atzera egin. Elkarrizketa hau La Directak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
news
argia-5d4af9d88446
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/gure-osasuna-arriskuan.html
Gure osasuna arriskuan
Juan Mari Arregi
2017-12-03 00:00:00
Gure osasuna arriskuan Ez badugu gure zaintzailea zaintzen –zu eta ni izan gaitezke haren pazienteak–, ez baditugu gure erizainak zaintzen, nola zainduko ditugu gure gaixoak? Artatzen gaituzten horien osasuna, erizainena, arriskuan dago Euskal Herrian. Hori dio Osakidetzako erizainen Satse sindikatuak egindako inkestak. Galdekatutakoen %81,02ak nabarmentzen du bere lan-baldintzak kaskartu egin direla murrizketen ondorioz. %80,29ak pentsatzen du ez duela denbora nahikorik bere pazienteei arreta modu egokian emateko, eta %77,37ak uste du bere unitatean ez dagoela langile nahikorik lana ondo egiteko. Ondorioz, %62,04aren iritziz, herritarrei eskainitako zerbitzuak okertu egin dira. Inkestak bi arazo larri erakusten ditu: erizainaren osasuna, eta osasun zerbitzuaren kalitatea. Biak elkarren eskutik doaz. Osakidetzak ezin du egoera kezkagarri honen aurrean ezikusiarena egin. Kontua ez da soilik makinetan eta osasun sistemetan inbertitu eta hauei publizitatea ematea. Inbertsio handiena zaintzaileengan egin beharko litzateke, erizainak baitira baliabide horiekin gaixoak zaindu behar dituztenak. Osasun zerbitzuaren kalitatea hobetu nahi badugu, bere pertsonalaren lan-baldintzak hobetu beharko genituzke derrigor. Hausnarketa horrek ezinbestean eta berehala ekarri beharko luke lantaldeak handitzea eta Osakidetzan lan egonkortasuna bermatzea. Administrazioak beti kexaka ari dira diru-sarrera gutxi dituztelako eta aurrekontua murriztu dietelako. Horrek ez du balio. Baliabideen banaketa lehentasunen arabera egin behar da. Gure erizainen eta gaixoen osasunak ez al du San Mames berriaren eta Anoetaren eraikuntzak baino gehiago balio? Baliabideak lortzeko, beharrezkoak dira aurrekontu sozialagoak eta ez hain enpresarialak.
news
argia-127adaab12e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/paolina-vercoutere-imbabura-probintziako-gobernadorea.html
"Ez diogu kolonizatu izateari utziko hezkuntza sistema irauli artean"
Miel Anjel Elustondo
2017-12-03 00:00:00
"Ez diogu kolonizatu izateari utziko hezkuntza sistema irauli artean" Joan den ekainaren 17an, Ekuadorreko Imbaburako gobernadore izendatu zuten. Eskualdean influentzia handiena duten zazpi emakumeen artean ageri da. Herrialdean inoiz izan den gobernadore indigenarik lehena. Paolina Vercoutere Quinche, kitxua. Kitxua duzu hizkuntza indigena. Gogoan dut amamak, gure hizkuntzari buruz ari eta yangaximi esaten zuela. Yanga , "ezer ez" da. Ximi , "hizkuntza" edo "ahoa". Alegia, "ezerezaren hizkuntza" genuen yangaximi . Gure amak, berriz, kontra egiten zion: "Ez ezazula horrelakorik esan, ez da yangaximi , rungaximi baizik!". Alegia, rungaximi , "gizakiaren hizkuntza". Horrexek markatu du gure galbidea, izan dugun galbidea, oraindik ere irauten duena. Biziberritze prozesuari ekitekotan, nahitaezkoak ditugu geure kulturarekiko harrotasuna eta geure izateari eta hizkuntzari lotutako atxikimendua. Gure arazorik handiena, berriz, gaur egun, harrotasuna eta atxikimendua berreskuratzea dugu. 2008az gero, Ekuadorreko herri indigenen eskubideak konstituzioan jasota daude. Bertako herri eta nazioek hezkuntza beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute. Konstituzioak direnak eta ez direnak onartzen ditu, baina kontua da hizkuntza horiek –kitxua, besteak beste–, baliorik gabetuak direla aspaldi, prestigioz gabetuak, eta ondorioz, gurasoek ez dutela nahi beren seme-alabek kitxuaz edo gainerako hizkuntza indigenetan ikas dezaten. Horixe egoera oraindik. Gehiago esango dizut: kitxua hiztunak estatuaren administrazioari lotzen zaizkionean, antzaldatze bat gertatzen da hiztun horien baitan, espazio formaletan kitxuaz hitz egiteari uzten diote. Oso gauza arraroa… Deskolonizazio lana egin behar dugu –buruz eta gogoz deskolonizatu, oroz gain–, eta geure autoestimua berreskuratu. Hargatik ez ziguten gure aitaita-amama askok kitxuaz hitz egin, haiek jasandako tratu txarra guk jaso ez genezan. Kitxua hiztunak halako doinu bat du gaztelaniaz hitz egiten duenean, eta hori salagarri luke! Hizkuntza ez irakastea biziraupen ariketa zen gure aitaita-amamen kasuan: "Ez zaizu baliagarri eta, are okerrago, kitxuaz hitz egiten duzula jakiten badute, diskriminatu egingo zaituzte". Legezko diskurtsoa osatu dugu, bai, lege marko bat, politika publikoa ere bai kulturartekotasunaren eta nazio aniztasunaren inguruan, baina kontua da funtzionatzen ez duen irakaskuntza sistema elebiduna dugula, ez dituela ikasle ez irakasle elebidunak sortzen, hiztunik ere bat ere ez… Horixe egoera, lege marko guztiak gorabehera. "Asko hitz egiten da estatu nazio aniztun eta dibertsitatez betetakoaz, emakumea barne hartzen duenaz eta hau eta hura, baina, sakon-sakonean, ez dago egoera iraultzeko borondate politikorik" Harrigarri da kargu politiko zaren horrek aitortzea. Asko hitz egiten da estatu nazio aniztun eta dibertsitatez betetakoaz, emakumea barne hartzen duenaz eta hau eta hura, baina, sakon-sakonean, ez dago egoera iraultzeko borondate politikorik. Eta pena handiarekin diot, ni sistema politiko horren barruan bainago. Eta uste dut beharrezkoa dela barruan egotea. Kanpoko aktibismoa bezain inportantea da barrutik eragitea, zenbait espaziotan –minimoak badira ere–, galderak egin eta zalantzak eragitea. Ni neu, gobernadore izan baino lehen, Ekonomia eta Gizartea Barne Hartzeko Ministerioko zuzendari izan nintzen eta haurrak, adinekoak eta ezgaitasunen bat duten pertsonak nituen ardura. Zuzendari izan nintzen garaian irizpide halako bat ezarri nuen familia laguntzaileak hautatzeko garaian: elebidun izan behar ziren. Horrek erresistentzia handiak ekarri zizkidan, baita neure alderdiaren barruan ere. Arrazistatzat hartu ninduten, nire Ministerio hura indioz beterik zegoela aditu behar izan nuen. Eta orain, gobernuan nagoela ere, gisako komentarioak aditu behar izan ditut. "Hemen indio usaina dago orain". Hamaika horrelako. Esamesa horiek hor daude oraindik. Nik, esaterako, prentsa arduradun bat dut, kitxua hiztuna jatorriz –ni ez bezala–, neuk errekrutatu nuena. Barkatu, ez zara jatorrizko kitxua hiztuna? Ez. Nire inguruan espainola, frantsesa eta kitxua erabiltzen ziren. Geroago, baita ingelesa ere. Prozesu bat izan zen. Eskola libre batera joan nintzen. Han izan nintzen 13 urte bete arte. Harrezkero, eskola frantsesera sartu nintzen. Gazterik ezkondu nintzen, eta kitxua hiztun jatorrarekin esposatu nintzen –kitxua familia zeharo tradizionalekoa–, eta orduan, nire burua berreraiki eta kitxuaz ikasi nuen nire amarekin. Bestalde, gure ama hizkuntzaren eta kulturaren aldeko borrokalari suharra izan da beti. Hizkuntz kontzientziaren jabe zaitugu, dena den. Hizkuntzaren kontzientzia dut, eta militantziaren zentzua ere bai. Horrexek mugitzen nau. Ez dut kitxuaz erraz hitz egiten, oinarrizkoa baizik. Dena ulertzen dut, eta hitz egin behar dudanean, beste erremediorik ez dudanean, hitz egiten dut. Nekazarien artean, adibidez, elebidunak ez direnean, hitz egiten dut. Oso ondo hitz egiten duen jendearen aurrean, berriz, lotsatu egiten naiz, nirea ez delako haurretan ikasia, geroan baizik, eta doinuak salatzen nau. Senarrak, kitxua hiztun jatorra baita, barre egiten du nire lepotik, doinu jatorrik ez dudalako. Nire lanean, langilerik kontratatu behar dudanean, elebidunak hartzen ditut beti. Prentsa kabineteari dagokionez, kitxua hiztun jatorra izendatu nuen zuzendari eta, harrezkero, kitxuaz eta espainolez zabaltzen ditugu gure oharkizun eta jakinarazpen guztiak. Kitxua lehenestea garrantzi handikoa da niretzat, amari zor diot, amamari, nire komunitateari. Garbia izan beharra daukat, garbia izateari uzten diodan egunean politikatik irteteko garaia izango baitut. Argazkia: Zaldi Ero. Ez da aise izan behar kitxua izaten giro horretan. Gobernadore naizela, janzkera jakina daramat beti, neure burua politikoki erreibindikatzeko bidea dut. Badakit nire janzkerak zer esan nahi duen, ekintza politikoa da, emakumerik inoiz egon ez den gune batean nago. Militarrekin egon ohi naiz, poliziaren agintariekin, eta beharrezko zait haiekin egotea, haien iruditeria zartatzeko, hain zuzen, zeren eta oraindaino arte, emakumezko bat ni bezala jantzita zerbitzaritzat hartua izan baita beti. Aberatsen etxeko lanak egiten zituen neskamea. Garrantzizkoa zait horren kontra egitea, eta horregatik noa beti era jakin honetara jantzita. Konplikatua da, hala ere, neure alderdian bertan ere, Alianza País izenekoan ez bainaute ulertzen. Zer diozu kulturartekotasunari buruz? Behin eta berriz eta askotan erabiltzen den hitza. Kulturartekotasuna diskurtso politikoki zuzenaren barrura sartu da. Hain dago erabilia, hain maiseatua, higatua… ezen esanahia galdu baitu. Gure herrian, esaterako, ez dago kulturartekotasunik. Ez, behintzat, nik ulertzen dudan moduan, nik botere banaketatzat ulertzen baitut. Alegia, bost mendez produkzio bitartekoak, botere politikoa, baliabideak, erabakiak hartzeko ahalmena… dena izan duen horrek hori banatzen hasten denean hasiko da kulturartekotasuna. Hurkoari berdintasunez hitz egitea, era horizontalean jardutea… da kulturartekotasuna. Horixe litzateke ideala, eta horixe da ez daukaguna. Gainerakoan, hainbeste maiseatu da hitza –"tolerantea naiz" eta hau eta hura–, ezen hitzak esanahia galdu baitu eta ez du ezer esan nahi. Usteko nuen bestela zela giroa Otavalon. Duela hogei urtetik hona bizi naiz Otavalon, sinbolismo handiko hiria Ekuadorren. Gure arbasoak Imbabura muinoaren magalean bizi ziren, hiriak guztiz baztertuak zeuzkala, hiria botere zuri-mestizoaren erdigunea zenean. Iragan mendeko 80ko hamarkadan, hainbat dinamika komertzial tarteko, kitxuek diru arrakasta handia izan zuten eta hiriaren jabego guztiak erosi zituzten. Kitxuok egin ginen hiriaren jabe, eta horren ondorioz, botere politikoaren borrokan sartu ahal izan ginen, eta historian estreinakoz, alkate indigena bat izan genuen. 1990ean, Asanblea Nazionalak Ekuadorreko kulturarteko hiriburu izendatu zuen Otavalo. Beste erremediorik ere ez zuen, tentsio betean bizi baikinen hirian –eta bizi baikara, esan beharko nuke–, indigenak eta zuri-mestizoak erdibana baikara Otavalon. Elkarri kasurik egiten ez diogula bizi gara. Etnien arteko arazoak nahi baino gehiago dira, arrazakeria ez dago baztertua. Berniza bai, emana dago, baina urra ezazu apur bat berniz hori azkazal puntarekin eta hantxe bistaratuko zaizu arrazakeria. "Hizkuntza ez irakastea biziraupen ariketa zen gure aitaita-amamen kasuan" Etnien arteko arazoak, arrazakeria, identitate ezberdinak lurralde berean. Gogotik errebindikatzen dut identitatea, eta neurri berean kuestionatzen ditut, berriz, esentzialismoa eta tradizionalismoa, emakumeen aldeko borrokaren militante bainaiz. Konfliktoa eragiten dit kanpo aldera diskurtso politikoki zuzena egin beharrak. Hitzak neurtu behar izaten ditut, ez ditut esan nahiko nituzkeen denak esaten, baina ezta esan behar diren hitz politikoki zuzen guztiak esaten ere. Lehendakariaren ordezkari naiz, eta ezin dut esan dena gaizki dagoela. Aurrerapenak ere izan dira. Ekuadortarra naizen aldetik, egia da hori. Doako hezkuntzara sarbidea dugu –amets hutsa duela gutxi arte–, osasun sarea, gure eskubideen gaineko kontzientzia handiagoa… Gauza asko, joan deneko hamar urtean egin direnak, estatua ikaragarri indartu denetik. Ordu arte ez baikenuen estaturik, estatuaren presentzia besterik, guri ez zegokigun egitura bat. Zuek ehunka urte daramazue estatua eraikitzen. Gu horretan hasiberriak gaituzue. Politikoki zuzenaren eta barnean sentitzen duzunaren artean murgil igerian behar duzu. Bai, bada. Eta, esaterako, horretaz ari naiz master txostena idazten, generoaren ikuspegitik aztertzen nola bizirauten dugun emakumeok espazio horietan. Masterra idazten ere ari zara. Zer diozu lan horretan, jakin baliteke? Nondik natorren kontatzen dut, nire bizi esperientzia azaltzen dut teoria feministaren barnean. Sentimenduetatik abiatu eta amamaren, amaren, aitaren eta neure narrazioa osatu dut, teoriarekin lotuz. Beste alde batetik, hainbat elkarrizketa egin ditut, hala kitxua direnen artean nola ez direnen artean, emakumeei buruz duten iruditeriaz galdezka. Nik neuk emakume kitxuatzat berresten dut nire burua, berdinetik berdinera begiratzen diot ondokoari. Jaso dudan heziketari zor diot. Ez nago inoren aurrean begirada jaisteko prest. Eta horrek probokatu egiten du, aztoragarri zaio askori. Eta horixe nahi dut nik, beren baitan duten emakume indigena zerbitzariaren irudia deseraikitzea. Horixe da nire borroka. Euskal Herrian izan zara Garabide erakundearen ikastaroan. Zer ikusi duzu, zer asmo duzu Ekuadorren? Ikusi dut gauza ez dela lider baten kontua, sinergia eta gizartearen baitako askotariko faktoreen batura lortzea baizik. Kooperatibak ikusi ditudalarik, adibidez, pentsatu dut horrek ekonomian ez ezik, maila politiko, sozial eta kulturalean ere izan behar duela eraginik. Kolektibitate osoari dagokiola fenomenoa. Ekuadorren, berriz, espazio bat sortu nahiko nuke hezkuntza sistemaren barnean. Lehendakariaren eta Hezkuntza ministroaren sostengua dut. Ez dut gordin esateko ohiturarik: "Hezkuntza sistemak ez du funtzionatzen". Ez. Aldiz, esan ohi dut: "Eredu elebidun bat proposatu nahiko nuke Otavalon…". Eta haiek, baietz: "Aski indar baduzu, aurrera!". Eta nik horixe nahiko nuke, eredu berri bat eraiki, eta bitartean, hezkuntza eredua birpentsatu, ez baitiogu herri kolonizatu izateari utziko hezkuntza sistema irauli artean, guztiz memoristikoa baita, gizabanako bezala ezereztu egiten baikaitu, aldi oro gu minimizatzen, autoestimua oinpean arrastaka eramatera behartzen… Hezkuntzaren bidetik etorriko da hizkuntza berreskuratzea, eta hizkuntza berreskuratzea gure kultura, gure izatea eta gure mundu ikuskera berreskuratzea izango da. Ardura horixe daukat, horrexegatik nago nagoen lekuan orain.
news
argia-36d1db23add4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/kemen-berria.html
Kemen berria
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-12-03 00:00:00
Kemen berria Melodia atseginak entzun daitezke Beñat Igerabideren bigarren diskoan. Orbainak (2014) lehen diskoa egiteko jarraitu zuen bide beretik osatu du, baina, oro har, lan berria aurrekoa baino indartsuagoa eta alaiagoa dela esan daiteke, baikorragoa, eta aurreko lana intimistagoa, barrura begira egindakoa. Gogo eta indar handia suma daiteke azken diskoan, Indar berri bat kantan dioten bezala: "Kate guztiak askatu ditut, indar berri bat daramat soinean jauzika; geldituko nauen oztoporik ez da". Pop-rock kutsuko kantuak dira, funk, folk eta beste hainbat estiloren ukituekin ongi jantziak, eta ausardia, kemena, bizitzeko gogoa, elkartasuna, maitasuna, natura eta beste hainbat gairen gainean mintzo direnak: "Badator gelditzerik ez dagoen lurrikara; isiltasunetik, deiadarra; geroratu dugun aldaketaren hasiera ( Mundua ederrago )", "Badut arnasa, giharretan sobera indarra; nola galdu ba lur berri honen deia" ( Geldialdi bakoitzean ), "Ez dut eraikiko zorionaren atean harresirik, ametsek leihoa zabalik dute oraindik" ( Biluztu ). Beñat Igerabidek berak konposatu ditu doinuak, idatzi ditu hitzak eta grabatu ditu kantak Adunan daukan estudioan, Sonolan, lehenengo diskoarekin egin zuen bezala. Dena den, kantak prestatzerakoan eta ekoizpen lanak egiterakoan bere taldeko kideekin aritu da, xehetasunak zaintzen, eta soinu trinkoa eta mardula gauzatu dute. Halaber, Lide Insaustik eta Sara Azurzak kolore politak gehitu dizkiete kantuei beren ahots ederrekin.    Urratsez urrats, bere ibilbidea egiten ari da Beñat Igerabide. Hainbat talderekin jo ondoren, kantuak bere kabuz sortzen hasi zen, eta 2009an soinu ikasketak burutu zituen. Bere proiektua lantzen zenbait urte pasatu ondoren, taldea osatu du, eta jadanik bi disko ditu kalean. 2015etik aurrera, David Etura (bateria eta ahotsak), Matthieu Haramboure (baxua), Pello Gorrotxategi (teklatuak) eta Gorka Urra (gitarra, ahotsak) musikariekin aritzen da. Eskarmentu handikoak dira, Izotz, King Mafrundi, Briganthta, Niko Etxart, Xabi San Sebastian, Triki ta Ke, Esne Beltza, Karidadeko Benta, Egan eta beste zenbait taldetan arituak. Haiekin osatu du disko berria eta jendaurreko emanaldi indartsuak egiten ari da.
news
argia-d176bc1ec17b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/kafea-ongarri.html
Kafea ongarri
Jakoba Errekondo
2017-12-03 00:00:00
Kafea ongarri Kafezalea naiz, ezin uka. Dozena erdiren bat inguru hartuko dut egunero. Nire gustuko kafetxoa, kikaratxoan erditik beherako ttikia motxa gustatzen zait, egiteak hondakin mordoxka sortzen du egunero. Sortzen dut. Eta zer egin kafe hondar horiekin? Berrerabilera ekologikoa, ekonomikoa eta praktikoa beharrezkotzat dut. Etxekoena zuzenean luartzen ari den simaur pilara doa. Coffea spp landarearen hazi ehoetatik egindako kafeak uzten duen hondarra ongarri ederra da. Pittin bat azidoa da, simaur gehienak bezala, eta gustura hartuko dute inguruan azidozaleak diren txilarrak ( Erica spp ), errododendroak ( Rododendron spp ), hortentsiak ( Hydrangea macrophylla ). Azken horren loreen koloreak bizitzeko pizgarria ere bada. Luar pilan beste hondakin organikoekin nahasita irakinaldia sustatzen du. Zizareen lana azkartzen du, digestioan laguntzen die eta kafeinarekin bizkortu egiten dira. Luarra egiteko hondakin orekatua da, karbono/nitrogeno erlazioa 20 ingurukoa du (material onenek 25-30 izan ohi dute). Zuzenean lurreko ongarri gisa ere erabiltzen da. Hazitegietan, landare ttikiak landatzeko, lorontzietan edo baratzean lurrarekin nahasi eta askatzen dituen jakiak landareek erraz bereganatuko dituzte. Lurra harrotu egiten duenez hezetasun arazoak dituztenak edo motelegiak diren lurrak oneratzen ditu, landareen sustraiei alde ederreko erraztasunak emanez, bai hazteko bai elikatzeko. Adibidez, errefauen ( Raphanus spp ) edo azenarioaren ( Daucus carota ) tokian jartzen bagara, eskuzabal hartuko dute kafe hondarrez ongarritutako saila. Hondar horiek landareen aldamenean jartzen dituenik ere ezagutzen dut. Itxuraz kafeina ez da bare eta barraskiloen gustuko eta atzeratu egiten omen ditu. Ez omen ditu hiltzen, baina bai atzeratu. Agian kafeinagatik baino, bere hauts egituragatik izan daiteke, haren gainean herrestan eroso ezin ibili direlako. Bateren batek katuak uxatzen dituela ere aipatu izan dit. Katuak ez du kalte handirik egiten baratzean, baina lurra lardaskatuz landare txikiak honda ditzake. Kafe hutsa katuari!
news
argia-08b140aefb38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/urdaibain-bizkaiko-baso-autoktonoa-berreskuratzeko-crowdfundinga.html
Urdaibain Bizkaiko baso autoktonoa berreskuratzeko crowdfundinga
Unai Brea
2017-11-24 00:00:00
Urdaibain Bizkaiko baso autoktonoa berreskuratzeko crowdfundinga Lurgaia fundazioak crowdfundinga ipini du abian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren eremu batean lurrak erosi eta oraingo pinu eta eukaliptoen ordez baso autoktonoa landatzeko, haritzak batez ere. Diotenez, Bizkaian jatorrizko baso gehiena galdu da, hazkunde azkarreko espezieek haien lekua hartuta. "Gaur egun ia ez da geratzen baso heldu eta zabalik Bizkaian", dio Lurgaiak, "garai batean hariztiak zeuden eremuaren %90etik gora galdu egin da". Fundazioak hamar urte daramatza Urdaibaiko Erreserbaren barruko Undabaso parajean lanean, lurrak bereganatu eta pinu eta eukaliptoen ordez  espezie autoktonoak birlandatzen. Dagoeneko 26 hektarea dute, eta berriki akordioa egin dute beste 31 hektarea eskuratzeko. Urte amaieran egingo ditu Lurgaiak lurren eskriturak, eta 108.000 euro ordaindu beharko dituzte datozen hiru urteetan. Orain arte bilduta dute funtsa nahikoa ez denez, crowdfunding kanpaina ipini dute martxan.     Espezie aldaketak hainbat onura ekarriko dituela diote, galtzeko arriskuan den paisaia mota bat berreskuratzeaz gain: zoruaren erosioa gutxitu, erreken ur kalitatea hobetu, biodibertsitate galera gelditu, klima aldaketari aurre egin CO2a hobeto atxikiz. Hazkunde azkarreko espezieen ordez haritzak landatuz, azken batean "benetako basoa" sustatzen dela dio Lurgaiak: "Basoaz ari garenean, gutxienez 100 urteko garapena eta 100 hektareako zabalera behar duen ekosistema konplexu batez ari gara". Basoak naturarekiko begirunez kudeatzeko eskatu dute Baso Autoktonoen Nazioarteko Eguna (azaroak 23) dela eta, Bizkaian benetako basoa, nagusiki haritz, pago eta artez osatua, herrialdeko baso guztiaren %24 baino ez dela gogorarazi du Kolore Guztietako Basoak plataforma sortu berriak. Gainerako %76 eukalipto eta pinuek hartzen dute, eta gorantz doa portzentajea: eukalipto eremuek  2.000 hektarea gehiago dute bost urtean. Bizkaiko mendi publikoen %70 eukalipto eta pinuek betetzen dutela ere azpimarratu dute.       Horren aurrean, Europako iparraldean duela mende batetik hona eta berrikiago hurbilagoko eskualdeetan –Burgosko iparraldean, berbarako– erabiltzen den baso-politika alternatiboa ezartzeko eskatu du plataformak. Eredu horretan kalitatezko zur autoktonoa sustatzen da, baina eremu bateko zuhaitz guztiak aldi berean moztu gabe; modu horretan ziurtatu egiten da basoen osasuna eta, Kolore Guztietako Basoak-en esanetan, errentagarritasun ekonomikoa ere ona da.
news
argia-856d25b552ca
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/agur-eta-ohore-adierazpen-askatasuna.html
Agur eta ohore adierazpen askatasuna
Axier Lopez
2017-11-28 00:00:00
Agur eta ohore adierazpen askatasuna Adierazpen askatasunaren mugei buruzko eztabaida gosea baino zaharragoa da. Ezin konta ahala iritzi daude, gaia filosofiaren mailaraino eramanez. Espainiako erregimenean, ordea, ez dago zalantzarako tarterik. PPren eskutik, arauz –Mozal Legeak– eta epaiz josten ari da autozentsura ideologikoa. Gurpil errepresiboaren azken itzuliak Andeka Jurado harrapatu du: Twitterren bertxiotzeagatik lehen zigortua da. 2014ko apiriletik 2016ko apirilera egindako lau atxiloketa saiok osatzen dute Armiarma operazioa ; orotara, 77 lagun Twitter eta Facebooken terrorismoa goratzea leporatuta. Denak ezkertiarrak eta asko euskal herritarrak dira. 33 urteko Andeka Jurado barakaldarra sarekada horretan atxilotu zuten 2015eko maiatzean. 2016an Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri zion 18 hilabeteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa berretsi du orain Auzitegi Gorenak. Eta beraz, norberak sortu ez duen mezu bat zabaltzeagatik espetxera joan daitekeen lehen pertsona da. PPren gehiengo absolutuaren osteko garaiotan, aurrekari juridikorik ez duen kasu honek ederki erakusten du adierazpen askatasunaren mugak non dauden: zigor epaitegietan. Bi bertxio, txio bat eta bideo bat Kartel hau txiokatzeagatik zigortu dute Jurado. "Zigortu naute lau txio zabaltzeagatik eta horietan nik idatzitako bakarra 'Agur eta ohore Iosu' izan da. Lau hitz horiengatik urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri didate". Andeka Juradok aipatzen dituen txio horiek 2015eko urtarrilean zabaldu zituen, Iosu Uribetxebarria preso gaixoaren heriotzaren testuinguruan. ETAko kide ohiari Arrasaten egin zioten omenaldia publikoa eta legezkoa izan zen eta arazorik gabe burutu zuten lagun eta senideek. Halere, omenaldi horren irudi batekin, Uribetxebarriaren aurpegiarekin eta "agur eta ohore" leloarekin osatutako kartel bat partekatzea –Amnistia ta Askatasuna taldeak egindakoa– izan da Jurado zigortzeko arrazoia. "Terrorismoa goratu ez zuen ekitaldi baten kartela bertxiotzea terrorismoa goratzea bilakatu dute", dio haserre Juradok. Twitterren aritzen den edonork badaki bertxiotzeak ez duela, berez, mezu horrekiko aldekotasun edo kontrakotasunik adierazten, zabaldu egiten duzula esan nahi du bakarrik, zernahi dela helburua. Halere, Juradok, argi eta garbi adierazi zion epaileari, baietz, nahita zabaldu zuela kartel hori. "Iosu agurtu nuen Twitterrez nire kidea izan zelako; biok kartzelan ginela, biok ginelako Euskal Preso Politikoen Kolektiboan. Joaten diren pertsonei agur eta ohore esatea erabat normala da Euskal Herrian, baina Madrilen hori perbertitu egin dute". Txioekin batera, Youtuben 2007tik ikusgai dagoen "Euskal Herria Resistance" bideoa zabaltzeagatik ere zigortu dute Jurado. Euskal Herriko eta Irlandako gatazka armatuen eta kale borroken irudien bilduma da. "Gure herriko historiaren gertakizunak dira horiek denak, nik ez ditut igo eta eskubide osoa daukat horiek zabaltzeko, Twitterren beste erabiltzaile askok egin duten gisan", kexu da Jurado. Beldurra eta autozentsura hedatzea dutela helburu azpimarratu du, eta epaiketan agerian geratu zela: "Umeen pornografiari buruzko bideo bat sareratuz gero, bideogilea epaitzearekin batera, zer da epaileak eskatzen duen lehen gauza? Delitua, bideoa, saretik ezabatzea. Bada, nire kasuan, delitutzat jo dituzten bideoak eta hiru txioak ezabatzeko agindurik ez dago, egun edozeinek ikus eta bertxio ditzake . Argi utzi dute bilatzen dutena". Epaiak dio mota horretako edukiak zabaltzeak eragin dezakeen mina saihesteko zigortu dutela. Halere, beste zerbait pentsatzeko zenbait datu ere badaude: txio horiek zabaldu zituenean Juradok 120 jarraitzaile zituen Twitterren eta egun 2.500, Juradoren atxiloketaren harira "Agur eta ohore Iosu" mezuak errepikatu ziren eta "Euskal Herria Resistance" bideoak 25.000 ikustaldi dauzka orain. Juradoren mezuen hedatzea galarazteko asmoz agindutakoa bada zigorra, helburua ez duela lortu dirudi. Horrez gain, ezarri duen aurrekari penalak espetxeko ateak ireki dizkio sare sozialetako milaka eta milaka erabiltzeri. Almeida abokatu talde espainiar ezagunak horrela laburbildu du Juradori ezarritako zigorra: "Txio batengatik norbait zigortzea, intentzionalitatea kontuan hartu gabe eskubide penalari iseka egitea da. Bertxio batengatik zigortzea inteligentzia iraintzea da". Andeka Juradok ez dio Twitterren idazteari utzi bere kontuan: @berrirohemen Kontrola sare sozialetan? "Nik ez ditut defendatuko faxismoa edo matxismoa, baina haien iritzi nazkagarriak esateagatik ez dut inor espetxera bidaltzea nahi, borroka ideologikoaren bitartez garaitu nahi ditut, ez epaitegietan", dio Juradok. Muga bakarra mehatxua dela dio eta, hortik aurrera, edozer esatea libre da; "ez bazaizu gustatzen, emaiozu buelta dialektikoki". Euskal gatazkarekin lotutako kasuak askotan baliatu ditu Espainiako erregimenak eskubide murrizketak gizartearen aurrean justifikatzeko. Juradok argi du hori ez dela kasualitatea gaur egun ere. "Armiarma operazioan atxilotutako asko ezkerreko militanteak dira eta kalean Poliziaren jazarpena agerikoa da zenbait esparru politikoren aurka; sare sozialetako jarduna aitzakia baino ez da pertsona batzuk zigortzeko". Horretarako, barakaldarraren ustez, "dena da ETA teoria ondo datorkie, adierazpen askatasunaren aurkako astakeria hauek justifikatzen saiatzeko". Atxilotu aurretik Poliziaren jarraipenak izan zituela salatu du eta bere jardun militantearekin lotu du, "ez dut uste inor jarraituko dutenik 120 jarraitzaileko Twitter kontu batean idazteagatik". Halere, euskaldunak ez garela bakarrak azpimarratu du, Estatuko beste pertsona batzuen egoera gogoan izan du. "Adibidez, hor dugu Pablo Hasel rap kantaria, urte luzez, nola edo hala, espetxeratu nahi dutena edo hiru urteko espetxe zigorra ezarri dioten Valtonic , abesti batean Espainiako erregea iraindu duelakoan. Kristorena da egiten ari direna". Autozentsura Askotan esan diote ea zergatik ez duen Twitterra ixten. "Jarraitzen ditudan txiolari asko giltzarrapoa jarri diote beren kontuei eta zenbat dira 'bidali' sakatu aurretik mezu bat ezabatu dugunok badaezpada ere". Beste auzipetu batzuek ez bezala, Juradok aktibo jarraitzen du Twitterren, isilduz gero, bere iritziz, Erregimenari garaipen moduko bat ematea litzatekelako. "Askotan sare sozialek ez dute ezertarako balio, sarri eztabaida antzuetan denbora galtzea da. Baina beste alde on bat daukate: gure inguruan gertatzen dena hedatzeko oso tresna onak dira, eta, hartara, masa-hedabideei boterea kentzeko baliagarrik dira". Auzitegi Nazionalaren zain Juradok aurrekaririk ez badu ere, espetxeratzeko eskatu du fiskalak. Orain Auzitegi Nazionaleko epailearen esku dago erabakia. Kasua Epaitegi Konstituzionalera eramango dute eta hortik Estrasburgora. Halere, ez du fede handirik bide horretan. "Konstituzionala PP da eta egungo Europa, eskubideak babesten baino horiek urratzen da txapeldun". Salaketa ekimen ororen aurrean eskertuta azaldu da Jurado, baina "biktimismoan erori gabe", egoeraren gordina ohartaraziz amaitu du elkarrizketa. "Espetxe barruan aurkituko dudanak ez nau beldurtzen, kanpoan geratuko denak kezkatzen nau, gehien bat familiaren egoerak: lau hilabeteko eta bi urte eta erdiko gure bi semeak aita barik".
news
argia-247b4e2852d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/dominak-debalde.html
Dominak debalde
Kepa Matxain
2017-11-27 00:00:00
Dominak debalde Azaroaren 26an Donibane Lohizunen jokatutako finalaurrekoaren kronika. Saioaren sailkapenak hau dio: Igor Elortza (710 puntu), Maialen Lujanbio (707,5), Julio Soto (671), Jone Uria (668,5), Agin Laburu (634,5) eta Iñaki Apalategi (633,5). Bigarren itzuliak ez du alferrik izen hori. Donibane Lohizuneko Jai Alaiko giroari erreparatzea aski zen ohartzeko oholtza gainean ez zela inor zerotik hasiko, lehendik egindakoaren motxilak inoiz baino gehiago pisatzen zuen han –esaterako, Agin Laburu, keinu umoretsuz, kamiseta arrosarekin taularatu da; edo Maialen Lujanbio kartzelan hastera zihoala, harmailak pronto ziren, Irungoa gogoan, esku-zartara entregatzeko–. Oraingoan ez da, ziur asko, une gogoangarririk izan, baina maila handiko saioa joan da, bertsolari guztiek utzi dituzte ale onak han-hemen. Maialen Lujanbio astinaldi izugarririk eragin gabe, baina oso goian, hasi eta buka; Igor Elortza borobil eta erregular, ofizioetan koska ateraz –hamarreko txikian batez ere–; Jone Uria asmotsu eta bizi, zortziko txikian eztenkada ederrak botaz; Julio Soto indartsu hasieran, itzaliago amaieran; Iñaki Apalategi gorabeheratsuago, ihes egindako puntu batzuekin, baina baita indartsu asko jotakoekin ere; azkenik, Agin Laburuk izan ditu egun hobeak, baina jasotakoak baino zakukada bat gehiago puntu espero genuen harentzat batzuek –lehen hiru ariketetakoei begiratuta, batez ere–. Eman didate zer pentsatua entzuleen artean sumatu ditudan hiruzpalau zurrumurrualdiek, Lujanbiok eta Apalategik poto egin ote dutela eta. Denoi gustatzen zaigu bertso batean poto bat detektatzen duguneko satisfakzio momentu hori, baina irudipena daukat neurriz gain puzten ote dugun. Poto eginez gero, akabo, bertsoa zerokoa bihurtzen da supituan. Aldiz, puskaz barkaberagoak gara, potorik egin ez arren –are, sarri potoa saihestu asmoz– kaltzadorearekin sartutako errimadun bertso-lerroekin. Eta askoz okerragoak izaten dira horiek gehienetan. Arratsaldeko unerik bizienak sortu dira bertsolariek gaitik harago jauzi egin eta "hemen eta orain" gertatzen ari zenari erreferentzia egiten asmatu dutenean, dela aurreko ofizioetan gertatutakoei keinu eginez –Laburuk eta Uriak puntukakoan egin bezala, adibidez–, dela albokoaren momentuko itxurari keinu eginez –Lujanbiok Apalategiren alkandora aipatu duenean, esaterako–. Batez ere, pertsonaia atzean utzi eta pertsona agertu den uneetan jo du goia saioak, erakutsiz bertsolaritzaren kodean fikzioa abiapuntu dela asko jota, ahal dela transzenditu beharreko zerbait. Kartzelako ariketak eman ditu, ohi duenez, analisirako osagai gehien. "Gezurra esan duzu, baina merezi izan du", zuten gaitzat, eta hiru bide desberdin hautatu dituzte bertsolariek: a)    Gezurra esatea norbere interesen alde. b)    Gezurra esatea kausa on baten alde. d)    Gezurra esatea norbere interesak tarteko diren kausa on baten alde. Bereziki eskertu ditut Uriaren eta Apalategiren –kurioski, ariketa horretan puntu gutxien jaso dituztenak– abiapuntuak, moralki hautu ez-zuzena hartzen duten pertsonaia bana sortuz –bata irakaslearen zigorretik bere zilborra salbatu nahi duen ikaslea, eta bestea Frantziako Tourra dopatuta irabaztera doan txirrindularia–. Gainontzekoek moralki hautu zuzena egin dute, eta, jakina denez, halakoetan arrisku handi bat izaten da: dominakerian erortzekoa. Ateratzen dira heroiak, justizieroak, eta diskurtso autokonplazienteak. Eta zalantza handiak ditut, hiru bertsoak bikain josi arren, puntu asko eman dakizkiokeen funtsean norbera zein eredugarria den esaten amaitzen duen pertsonaia batetik kantatzeari.
news
argia-6ee5788fc66f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/rrucculla-elektronika-ekoizlea.html
"Abesti bat egitea munduko musika guztiak elkartzea da"
Kepa Matxain
2017-12-03 00:00:00
"Abesti bat egitea munduko musika guztiak elkartzea da" Orain urtebete inguru erabaki zuen Izaskun Gonzalezek bazela garaia ordenagailuaren aurrean bakarrik pasatako orduei izen bat jarri eta proiektu bat abiatzeko. Horrela sortu zuen Rrucculla, eta denbora gutxian zeresan franko eman du bazterretan. Egun, disko berrian sartuta dabil buru-belarri. Belaunaldiaren marka darama Izaskun Gonzalezek (Barakaldo, 1994). "Youtuben hazi naiz. Gai naiz segundo gutxi batzuetan jazzik smooth -ena entzutetik grime-a entzutera pasatzeko. Nire egunerokoa horrelakoa izanik, normala nire musika ere gisa berekoa izatea". Urtebete pasatxo da Rrucculla izenpean agertokietan hasi zenetik, eta ordutik kanta sorta ederra osatu du, denak ere erritmo eta soinu oso desberdinen hibridaziotik sortuak, free-jazzaren, hip hop abstraktuaren edota poparen oihartzunak dituztenak. Ez dira, halere, samplerren "ebaki-itsatsi" soilak. "Nire abestietan gauza bakoitza egon behar duen tokian dago. Denak dauka zentzu bat". Zentzu hori letretara ekartzen saiatu gara elkarrizketa honetan. Noiz musika-zaletu zinen? Etxean betidanik entzun dugu musika. Gurasoek denetarik jartzen zidaten: latin jazza, rocka, Phil Collinsen diskoak… Bederatzi urterekin discmana erosi zidaten, eta hura entzuten pasatzen nituen orduak. Anaia gitarra ikasten hasi zenez, nik bateria aukeratu nuen, eta zazpi urtez aritu nintzen ikasten. Musika lengoaian ez nintzen oso abila, ordea. Ez nuen solfeorik ikasi, asko aspertzen ninduten gauza horiek. Bateria eskoletan ere ez nuen inoiz etxeko lanik egiten. Ez naiz oso arduratsua gauza horietan. Beti aritu naiz nire kasa, interesatzen zitzaizkidan kantak ikasten. "Ez dakit zergatik esaten den nire musika konplexua dela. Bizitza erraza al da, akaso?" Musikari asko dabil kexu: musika klaseek sorkuntza pizten lagundu behar luketela, partiturak interpretatzera mugatu beharrean. Hala da. Bateria ikasten urte batzuk aritu ondoren, kontserbatorioan sartu nahi izan nuen. Marinbak eta bestelako perkusioak ikasi nahi nituen. Segituan ohartu nintzen, ordea, irakaskuntza diziplinatu eta serioa zela hura, eta nire sormen propioa kamustuko zidala. Nik neure burua hobeto ezagutu nahi nuen, nigandik aterako zen zerbait osatu, eta ez paper batean jartzen duena jotzen ikasi. Ezagutzen ditut kontserbatorioan bateria ikasi duten zenbait lagun, parean paper bat jartzen ez badiezu zer jo ez dakitenak. Ez dakite inprobisatzen. Niri hori ez zait interesatzen. Koloreetatik eta formetatik abiatuta sortzen dituzu kantak.  Lehendabizikoak bateria erritmoetatik abiatutakoak ziren, baina konposatzerakoan neure buruaz aspertzen naizenez, melodia edo soinu bati tiraka sortzen hasi naiz. Eta bai, musika lengoaiarik ez dakidanez, lagungarri zaizkit koadroak, arte obrak, jendea, irudiak eta formak. Abesti baten istorioa egiten laguntzen didate. Zehaztu dezakezu hori? Zertan laguntzen dizute koloreek, formek eta abarrek abesti baten istorioa egiterakoan? Ezin dut logelan eta bakarrik konposatu. Gurasoen etxeko egongelan sortzen ditut kantak, eta han, sofaren parean, Kandinskiren irudi batzuk daude. Jazz disko bat osatu nuen irudi haietan oinarrituz. Ohitura horrekin jarraitzen dut konposatzerakoan: zirkulua bonbo bat da, karratua bateriaren kaxa. Koloreekin, berriz, sinestesia gertatzen zait. Ez naiz ausartzen esatera gorria sintetizadorearen linea bat dela. Hori bakoitzaren arabera izaten da. Orain urtebete hasi zinen zuzenekoak ematen, Bilbo Hiria lehiaketako finalera iritsi zinenean. Zergatik erabaki zenuen jauzi hori ematea? Ez dakit. Beti pentsatu izan dut ez nuela ezer apartekorik egiten. Baina ez nuen izan nahi betelan hutsera mugatzen diren artista horietako bat ere. Apuntatu nintzen, hautatu ninduten, eta, nire harridurarako, gertatu da gertatu den guztia. Hori baino lehenago, bateria jotzen zenuen hainbat rock taldetan. Noiz eta zergatik hasi zinen ordenagailuarekin esperimentuak egiten? Hamasei bat urterekin hasi nintzen ordenagailuarekin saltsan. Ordurako, nahiko musika konplexua entzuten nuen, The Mars Volta eta halakoak. Haiek erabiltzen zituzten soinu elektronikoak nola sortzen ziren jakin nahi nuen. Egin nituen saiakera batzuk orduko taldeekin, bateria jo bitartean ordenagailuarekin probak eginez, baina ez zuen funtzionatzen, eta nire kontura etxean jarraitu nuen. Arratsaldero teklatua eta bateria jotzen aritzen nintzen, bi eskutara. Loop-ak egiten hasi nintzen, gero produkzioan sakondu nuen, elektronika garaikideko kontuetan, eta halaxe, gaurdaino. Erabat autodidakta zara, beraz. Bai. Duela urte eta erdira arte ez nekien zer zen musika produzitzea, masterizatzea, nahasketak egitea, eta halako ezer. Harrigarria da urte eta erdian zenbat gauza egin dituzun. Asko jo duzu zuzenean, jaialdi handietan ere bai: BBK Live-n, Primavera Sound-en eta Low Festival-en, adibidez. Pentsa ze bilakaera: lehen ez nuen nire musikaz hitz egiten gertuko lagunekin ere. Bilbo Hiria lehiaketaren aurretik inork ez zekien musika egiten nuenik. Kosta zitzaidan lehen kontzertuei neurria hartzea, nire kantek kapa asko dituztenez, zati batzuk grabatuak nituelako. Ezin nuen %100 zuzenean aritu. Orain kontrolpean daukat dena, eta gogoz aritzen naiz. Primaveran jotzea ederra izan zen, ordu perfektuan, goizeko hirurak aldera. BBK-n, ordea, ez nintzen gustura aritu. Ongi dago musikari hasiberriak gonbidatzea eta hori guztia, baina denok ez dugu balio arratsaldeko bostetan jotzeko. Sekulako eguzkitzarra zegoen gainera, eta nik Ableton Push bat erabiltzen dut. Han ez zegoen modurik argiak ikusteko, eta set guztia egokitu behar izan nuen. Kaotikoa izan zen. Ez nintzen batere eroso sentitu. Abesti deserosoak eta aurreikusteko zailak egin nahi omen dituzu. Nola egiten da hori? Ez dakit. Badakit adibidez, technoa aurreikusgarria egiten zaidala. Gustatzen zait beste kanta batzuekin nahastuta, DJ saioetan egiten den bezala. Baina niretzat, abesti bat egitea munduko musika guztiak elkartzea da. Afrobeat erritmo batetik grime erritmo batera igarotzea. Lau konpasean behin kanta apurtzea. Ez duzu aurreikusten, eta sorpresa horrek txunditzen zaitu. Zergatik iruditzen zaizu technoa aurreikusgarria? Beltzen erritmoan doan danbor konstante bat delako. Senti dezakezu bestela, baina hori konposatzea niretzat ez da berezia. Ez nuke gozatuko. Elementu gehiago behar ditut, emozio gehiago kantaren barnean. Irakurri dut zerbait, technoaren tempoa eta bihotzak minutuko ematen dituen pultsazioak antzekoak direla, eta horregatik gustatzen zaiola jendeari zazpi orduko saioetara joatea. Nik goza dezaket pixka bat, baina zazpi ordu segidan ezingo nuke entzun. Zure abestiak mantso liseritzekoak dira, aldiz. Entzunaldi aktiboa eskatzen dute. Ez dakit zergatik esaten den nire musika konplexua dela. Bizitza erraza al da, akaso? Nire kantak egun arrunt bat bezalakoak dira. Gauza asko gertatzen dira egun batean, une batez oldarkor zaude, eta handik gutxira barrez, eta… ez dago deus konplexurik hor. "Musika lengoaiarik ez dakidanez, lagungarri zaizkit koadroak, arte obrak, jendea, irudiak eta formak. Abesti baten istorioa egiten laguntzen didate" Esan nahi nuen ez direla aurreikusgarriak, ez behintzat egunero supermerkatuan, autoan, tabernan, jendeak entzuten dituen kanten %90a bezalakoak, estruktura eta erritmo errazekoak. Belarria pop kulturan hezi duenari eskatzen diote esfortzu pixka bat. Bai, hori bai. Orain lantzen ari naizen diskoan sartu nahi izan dut pop mundua, eta zin dagizut, bizitzan egin dudan gauzarik zailena izan da. Ez naiz popa egiteko gai. Zerbait ateratzen zait, baina ez zait gustatzen. Zerbait gehiago behar duela iruditzen zait. Ulertzen dut, dena den, batzuei entzuteko zaila egitea. Silvia Pérez Cruzen Loca abestiaren rework bat egin duzu. Edo, bat-batean, Aserejé -ren zati bat sartzen duzu abesti batean. Ze irizpide erabiltzen duzu gauza horiek erabakitzeko? Ez dakit. Aserejé -k grazia egiten dit, besterik gabe. Kantari beste giro bat ematen dio bi mundu erabat desberdin batzeak. Bestalde, beti gustatu izan zait Silvia Pérez Cruzek egiten duena. Elkarrekin kolaboratzea zaila izango denez, gau batez Loca Youtubetik deskargatu, Abletonean jarri eta esperimentatzen hasi nintzen. Ableton-a aipatzen duzu, Logic Pro-a ere erabili izan duzu… musika elektronikoak ez al du software pribatuarekiko dependentzia handia? Bai, hori badago. Nik, orain, Ableton-a bakarrik erabiltzen dut. Zertarako ordainduko ditut mila euro tramankulu puska batengatik, soinu hori bera ordenagailuan izan badezaket? Badaude beren sintetizadore propioak eraikitzen dituztenak ere… Tira, ordenagailuan saltseatu ahala ikasten duzu programak hackeatzen eta hori guztia. Ni gehiago naiz software zalea hardware zalea baino. Beti egin dut lan eskura ditudan tresnekin. Ableton-arekin ez balitz, ziur asko beste programa batekin egingo nuke musika. Badira, adibidez, zarata egiteko doako programak. Zertan ari zara orain? Hurrengo diskoa amaitu nahian nabil. Lan gogorra izaten ari da, soinu jakin baten bila nabil eta. Denbora pila ederra ari zait kentzen. Tarteka etsigarria da, altu jarri dut langa eta ezin jakin ea maila emango dudan. Gustatzen zaizkidan musika guztiei buruzko nire ikuspegia da oraintxe egiten ari naizena. Izan nahiko nukeena, entzun nahiko nukeena. Hor nago. Elektronika garaikideago eta aurreikusezinago bat da. Amaitzeko, aipa ditzakezu interesatzen zaizkizun artista garaikide batzuk? Euskal Herrian, aipatuko nituzke Kvalvika, II (Kris GM), Mark Luva eta Delorean. Hemendik kanpo, Iglooghost egungo produktore onena iruditzen zait. Lorenzo Senni aparta da, baita Sophie eta Abra ere.
news
argia-a2a9584921a9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/eneko-gorri.html
"Lapurdi kostaldean hirigintza ereduak hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa du"
Onintza Irureta Azkune
2017-12-03 00:00:00
"Lapurdi kostaldean hirigintza ereduak hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa du" Eneko Gorri (Angelu, 1983) euskaltzale militante izateaz gain Biarrizko Herriko Etxeko euskara teknikaria da. Lapurdi kostaldeko hirigintza ereduak euskal hiztunen bilakabidean duen eragin handiaz ohartarazi nahi izan gaitu: "Biarritzek hamarrez biderkatuko balu ere euskarari ematen dion aurrekontua ez luke eragin handia izango hemendik 50 edo 100 urtera". Jendarte ereduak eredu, euskaltzale-izokinak ur xaloagoetara iritsiko direla sinesten du. BAB Baiona-Angelu-Biarritz eskualdeko euskara-datuak ondokoak dira: euskaldunak %8 eta kale erabilera %2. Zein gogoeta datorkizu datuok jakinda? Ikusiz testuingurua zein den, hau da, hizkuntza gaitasuna hain da apala, hizkuntza paisaia nagusiki frantsesa, eta hiri eremua izateak dakarrena, hau da, anonimotasuna eta beste... %2 ia mirakulu txiki bat da, ez dakit nondik ateratzen den. Asko iruditzen al zaizu? Ez asko. Ezagutza-erabilera proportzioan esan nahi nuen. Hori da. Jakina da Baionan zein Biarritzen euskal hiztunak testuingurua oso kontrakoa duela, lehen aipatu ditugun faktoreengatik, eta euskaraz aritzea espontaneoki karrikan ez da gauza naturala, beti da hautu kontziente baten emaitza, eta borroka pertsonal edo kolektibo baten ondorioa. Urrun gaude normaltasun egoeratik. Hala ere, ari gara hiztun gisa erosoago bizitzeko eta estres linguistikoa baztertzeko espazioak eraikitzen eta esango nuke duela 10-20 urte baino errazagoa dela gaur egun euskaldun gisa bizitzea BABen. Euskararen aldeko jarrerek behera egin dute. Zenbat eta aldeko politika gehiago, aurkako erreakzioak indartsuagoak al dira? Ez dakit. Segur dena da, eta kakotx artean errango dut, gaur egun euskararen inguruan kontsentsu sozial bat eraiki dela, orain dela 15 urte ez zena. Funtsezko galdera da ea kontsentsu hori paradigma aldaketa baten emaitza denez benetan edo denez garai zehatz bateko zerbait. Azkenean, duela hamar urte baizik ez gara hasi hizkuntza politikak garatzen eta hizkuntza politikak definizioz eraldatzaileak direnez, bortxaz iritsiko gara momentu batean krispazio puntu batera. Ez dakit euskararen aldeko jarreraren apaltzea krispazio puntu horren hasiera denez. Duela hamar urteko argazkia aldatu nahi dugu eta jendarte euskalduna, edo gutxienez elebiduna, eraikitzera goaz. Bortxaz izanen dira erresistentziak, inertziak. Artezki begiratzen baditugu azkeneko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak jendeak dio ados dela bere seme-alabek euskara ikas dezaten, ados dira funtzio publikoan lan egiteko euskara ikasi behar dela, baina haien egunerokotasunean euskara sartuko delarik hasten dira kontra izaten. Hedabide publikoetan, irratian eta telebistan, euskara gehiago txertatzearekin kontra agertzen dira. Hau hipotesia da, baina pentsa daiteke Ipar Euskal Herrian euskara duela hamar urte baino askoz gehiago toleratua dela, baina ez dugu oraindik lortu benetako onarpena. Funtsezko eztabaida da gaur egun euskararen alde lan egiteko haizeak alde ditugula, eta hemendik hamar urtera ez dakigula alde edo kontra izango ditugun. Beraz, bi estrategia izan daitezke, edo aitzina goaz gauza asko egin behar delako eta gaur egun testuinguruak baimentzen duelako, edo kontsentsu soziala ez hausteko garatzen ditugun hizkuntza politika epelak egingo ditugu. "Duela 25 urte Biarritzen haurren %1ek ikasten zuen euskara ikastetxean, 25 urte berantago %25ek ikasten du" BAB Baiona-Angelu-Biarritz eremu deskonektatuena dela diozu. Zer esan nahi duzu? Alde guztietatik dago deskonektatua; bai ezagutza datuen aldetik, bai erabilera, bai aldeko jarrerak, baita norberaren familiako historia ere. Hein batean, BABen garatzen diren hizkuntza politikek badute nolabaiteko artifizialtasuna. Ez goaz berriz sortzera desagertu den zerbait, baina hutsetik ari gara eraikitzen. Kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorritako familia asko Lapurdi kostaldean kokatzen dira, BAB eremuan, eta haien historian ez dute euskararen aztarnarik, zerutik zerbait eskuratzen dute, haien seme-alabentzat egiten dute euskararen hautua. Ipar Euskal Herri osoan euskararen berreskuratzea gazte belaunaldietatik pasako da, baina BABen ez dugu familia transmisioaren indarra edo naturaltasuna, haurtzaindegiek eta eskolek transmititzen dute euskara %90ean kasik. Horregatik diot deskonexioa eta artifizialtasuna.Horrek ez du erran nahi ez dugunik lortuko. Alderantziz, duela 25 urte Biarritzen haurren %1ek ikasten zuen euskara ikastetxean, 25 urte berantago %25ek ikasten du. Lortzen ahal dugu bide horretatik, baina kontziente izan behar gara ez dela Ipar Euskal Herri barnealdean bezalako lana eraman beharko, desberdinki egin beharko dugu lan, egoera erabat desberdina delako. BABek Ipar Euskal Herriko biztanleen herena du, 120.000 biztanle. Gune estrategikoa da euskararentzat eta beste jendarte eredu batean sinesten dugunontzat ere bai. Euskarari begira, hor bizi da masa kritikoa. Ohartzen gara Ipar Euskal Herriak bizi duela urbanizazio garai handi bat, eta pixkanaka BAB barneko lurretara sartzen ari da. Jendartearen deseuskalduntzea gero eta urrunago doa, garai batean Baiona, Biarritz, Angelu, Basusarri, Arbona, Bokale, Hiriburu ziren, eta orain Hazparnetik Luhusorako lurralde hori guztia deseuskalduntzen ari da. 2050ean euskara ez badugu BAB eremuan irabazia biziki-biziki zaila izanen zaigu Ipar Euskal Herrian irabaztea. Ez da erraza BAB eremua, baina hor jokatzen da estrategikoki bataila handia.  Eta hau ez da batere gutxiestea barnealdean eraman behar den lana, alderantziz, esan nahi duena da lan asimetrikoa eraman behar dugula, ez dugu berdin eta ber baliabideekin lan egin beharko Amikuze eskualdean adibidez eta BAB eremuan. Argazkia: Jagoba Manterola / Argazki Press Hirigintza ereduak hizkuntzan duen eraginaz hitz egin nahi duzu. Jendeak, euskaltzaleek, aski barneratuta ez dutena da euskararen egoeran administrazio publikoan garatzen dituzten beste politika publikoek eragin askoz handiagoa dutela hizkuntza politikak baino. Adibidez, konbentzitua naiz gaur egun Biarritzek biderkatzen badu hamarrez euskarari ematen dion aurrekontua eta beste hogei langile hartzen baditu lan egiteko, hala ere, ez luke eragin handia izango euskararen egoeran hemendik 50 edo 100 urtera. Zergatik? Hirigintza ereduak, turismo ereduak, etxebizitza politikak, hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa izanen duelako. Biarritz batean adibidez, alokairuen prezioak hain handiak dira, non familiek ihes egiten duten, eskolak ixten dira eta ezin dugu gazte belaunaldiekin kontatu euskararen berreskuratzeko. Biztanleria zahartzen da, kanpotik etortzen da, eta horrek badu eragin handi-handia. Hirigintza hemen ez da batere aipatzen eta auzi horretaz gogoetatzea premiazkoa da. "2050ean Baiona-Angelu-Biarritzen ez badugu euskara irabazia biziki zaila izanen zaigu Ipar Euskal Herrian irabaztea" Orain azaldu duzun hirigintza eredua barnealdera zabaltzen ari dela diozu. BABeko hiriak saturatuak dira, ezin da inon gehiago eraiki eta zer egiten dute promotoreek? Joaten dira pixkanaka-pixkanaka Uztaritzera, Hazparnera, Itsasura, Luhusora. Hango euskaldunek erraten dute baduela sekulako eragina, baina diskurtso hori eramatea oso zaila da. Beraz, egin behar dugu molde bat kontzientziak pizteko. BABeko militantea jabetzen al da nolako eremuan bizi den? Militanteek BAB perimetroa barneratzea oso inportantea da, horretaz jendeari hitz egiten diogularik erraten dute, "bai, baina nik Euskal Herria dut ardatz, nik Ipar Euskal Herria, nik Lapurdi". Ados, baina nire ustez, bada BABetik ihes egiteko gogoa gure baitan, lurralde horretan inplikatzeak erran nahi baitu joan behar direla konfrontaziora jendearekin eta ez dakit gaur egungo militantzia horretarako prest garenik. Hori ez diot euskara teknikari gisa, baina uste dut politikoki eta euskalgintzan gogoetatu beharko dugula. Gasteizen edo Iruñean, hiri handietan, eman duten gogoeta berdina egin behar dugu.     Onartu beharko dugu BABen bizi garenok izokinak garela eta beti korrontearen kontra ibili beharko garela, korronteak azkarrak direla. Adibidez, ni Angelun bizi naiz, Baionan politizatu eta Biarritzen lan egiten dut. Beti izan naiz izokina eta beti izan dut kontzientzia hori. Izokina ez da sekula akitzen, beti joan behar du bururaino eta beti ibaian ibiliko da korrontearen kontra, baina egun batez iritsiko da ur xaloagoetara. Horretarako milaka izokin ahaldundu beharko ditugu ondoko urteetan BABen. Erakunde publikoen hizkuntza politikak, euskalgintza, herritarrak, nola egituratu? Bi adibide emango dizkizut: Mintzalasai egitasmoa elkarlanean egiten duzue, eta aktibazio sozialari lotutako azaroaren 27tik abenduaren 3ra arteko BAB dinamika euskalgintzak bultzatu du. Ez da kasualitatea eta gogoeta kolektibo baten emaitza da. Duela zazpi urte Mintzalasai sortu genuelarik Biarritzen, diagnostiko batetik sortu zen. Euskalgintza sektorializatzen ari zen, helduen irakaskuntza, ikastola, haurtzaindegiak, aisialdia, kultur elkarteak... eta profesionalizazio horrek atomizazioa ekarri zuen eta haien artean harreman gutxi zen. Ideia asko zituzten eta baliabide gutxi. Udalerriek baliabide asko eta ausardia gutxi. Mintzalasai sortu zen bakoitzaren indarguneak mahai gainean pausatzeko. Elkarteek zituzten ideia ausartenak eta mobilizazio gaitasuna, eta administrazioak lan egiteko baliabideak ekartzen zituen, bai diruz, bai legalki, bai azpiegitura aldetik, eta abar. Konplizitate handia sortu da Mintzalasairi esker sei urtez eta aurten Biarritzetik BABera pasa gara. Aldiz, BAB eremuan bizi garen euskaltzaleoi iruditu zaigu aktibazio soziala ezin zela instituzioetatik eraman, ezta instituzioen laguntzarekin ere. Oraingoz bederen hala jokatzea pentsatu dugu. Lan horizontala egin behar genuela uste genuen, kolektiboki, eta sigla guztietatik kanpo. Hautu bat izan da, beharbada ez da egokia. "Hizkuntza politikak eraldatzaileak direnez, bortxaz iritsiko gara momentu batean krispazio puntu batera" Aktibazio sozialari dagokionez, BAB dinamikan azaroaren 27tik abenduaren 3ra arte Donostiako Egia auzoan egin zen moduko egitasmoa egin duzue. Lasarte-Oriako eredura gerturatu zarete, baina zuen ñabardurekin. Guk ez dugu ezer asmatu, besteek utzitako arrastoetatik eraiki dugu. Hala ere, ez dugu errezeta guztia hartu nahi izan, eraikiz egiten baita bidea. BAB dira hiru hiri nagusi herriko plazarik ez dutenak, horietan bizi dira hamarnaka mila pertsona, baina ez dute Euskal Herrian ezagutzen ditugun hirien konfigurazioa. Bertako militanteek harreman txikia dute haien artean. Lau ikastola badira BABen eta ez dute batere harremanik. 25 pertsonako talde eragilea osatu dugu, denak euskaldunak, belaunaldi desberdinetakoak, genero aldetik ere aniztasuna bermatuz, perfil soziolinguistiko desberdina duten pertsonak. Askok erran dugu BAB dinamika sortzea guretzat ere autoterapia kolektibo ederra izan dela, zeren denek nahi dugu euskaraz bizi, baina denek ez genuen urrats hori egiten. Lau hilabeteko autoterapia eta gero, jadanik hasiak ginen ahalduntzen, BAB dinamika hasi aitzin. Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak 2018an antolatuko duten Euskarak 365 egun (Euskaraldia) egitasmoa omen duzue gogoan. 2018an, hamaika egunetan, Euskal Herri osoan nahi baditugu milaka eta milaka hiztun ahaldundu eta aktibatu euskara praktika dezaten utzi behar zaio lurralde bakoitzari bere bidea egiten. Guk hastapenetik argi genuen: 2018ko azaroan egitasmo hau  eginen bada Euskal Herrian, BABek egin behar du berea lehenik. Eta BAB izan behar da lehena, egin behar du Itsasu, Maule, Baigorri edo Garazi aitzin, ez bidea irekitzeko, baizik eta BABek eginen duena besteona baino apalagoa izanen da. Guk egingo dugu orain eta amesten dugu bihar egitea Hendaiak, Senperek, Sarak... eta Ipar Euskal Herri osoa prest izatea 2018rako.
news
argia-20bebe96e106
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/miquel-misse-trans-nortasuna-aldarrikatzen.html
"Bizitza errazagoa da mutil gisa bizitzea erabaki nuenetik"
Lara Bonilla / Ara.cat
2017-12-03 00:00:00
"Bizitza errazagoa da mutil gisa bizitzea erabaki nuenetik" Transexualitatea inoiz baino ikusgarriagoa da. Orain dela gutxi arte trans erreferente bakarrak estigmatizatzaileak ziren, eta gaur egun baikor hitz egiten da haietaz, eta lehenengo pertsonan. Baina horrek ez du esan nahi, dio Miquel Missé soziologo eta ekintzaile transak, nagusi diren diskurtsoekin kritiko izan behar ez denik. Donostiako Feministaldian izango da abenduaren 2an. Caitlyn Jenner, Wachowski ahizpak, transexual adingabeen gurasoak... Ikusgarritasunak laguntzen al du? Gaia azaltzeko modu asko daude, eta denek ez dute burujabetza handitzen. Transexualitatea garunarekin lotzen duten diskurtsoekin oso kritikoa naiz. Gizonaren eta emakumearen garunaz hitz egiten dute, eta trans pertsonak modu bateko garunarekin jaiotzen direla, berena ez den gorputzarekin. Diskurtso horrek ikusgai egin dezake trans egitatea, baina ez du ahalduntzen. Trans izatea okerreko gorputzean jaiotzea zela esan ziguten. Gure gorputzak arazoa duela esaten da, eta ez gizarte markoa estuegia dela. Gure gorputzek ez dute huts egin; gizenek ere okerreko gorputzak dituzte? Atseginagoa da hori esatea gizon oso femenino edo emakume oso maskulinoa izatea baino. Nahiago ditugu okerreko gorputzean jaio eta trantsizioa egin duten pertsonak, genero arauak zalantzan jartzen dituztenak baino. Eta orduan zer da transexualitatea? Nire ustez, gizarte eredu baten ondorioa da, non gizona eta emakumea kategoria oso zurrunetan kokatzen diren. Gizona edo emakumea izatea ez da egitate bat bere horretan, interpretazio kulturala da. Pertsonek beren generoa ahalik eta askeen adierazi eta bizi behar dutela aldarrikatzen dut. Bada ez gizon ez emakume sentitzen denik, eta ni hortik oso gertu sentitzen naiz. Kategoria bat aukeratzen dute biziraun ahal izateko, baina arrotza zaie. Eta nik diot, trantsizioa egin duen batek. Transtzat duzu zure burua. Bai. Bizitza errazagoa zait mutil gisa bizitzea erabaki nuenetik, eta adingabea nintzen. Orain daukadan informazioa izan banu ez dakit bide bera egingo ote nuen. Konponbidea zein da, genero batetik bestera igarotzeko proposatzea feminitate muturrekoa adierazten duen mutilari edo maskulinitate muturrekoa adierazten duen neskari? Nik nahi dut gizonak oso femeninoak izan ahal izatea eta emakumeak oso maskulinoak izan ahal izatea. Azken helburua ez da kirurgia... Ez. Azken helburua da ebakuntza egiteko beharrik ez izatea. Txikienentzat, gorputza azkar aldatzea ez da desiragarriena. Ikusezin nahi ditugu eta hori ez dator bat gorputza ez eraldatzearekin. Trans mugimendu helduak urte asko behar izan ditu genero kategoriak zabaltzeko beste era bat defendatzera iritsi aurretik. Transexual adingabeen gurasoen mugimendua aurrerapena izan al da? Aurrerapausoa da 2 urterekin transexuala izatea? Zalantza dut. 3 urteko mutil koskorrak esaten duenean "neska sentitzen naiz" ez dakit transexualitate-desiotzat hartu behar den. Sailkatzeko beste modu bat ez ote den kezkatzen nau. "Neska izan nahi duzu? Ados, baina neska era klasikoan". Interesgarria trans moduan ikusgarri den jendea da. Helburua ez da trans pertsonek ikusezin izatea desiratzea, baizik eta gizartea plurala izatea, behar hori sentitu ez dezaten. Nik nahi dudana da emakume transa, ahots lodiarekin eta aurpegian ilea duela, metroan sartzen denean inork ez esatea "Manolo kaka zahar hori".  Beraz, zu biziko zintezkeen emakume oso maskulino moduan. Aniztasuna onartuko lukeen bestelako erantzun soziala balego eta aukeratu behar ez izatea ondo ikusita balego, agian bai. Orain zure nortasunarekin eroso al zaude? Ezin esan pozarren nagoenik transa izateagatik. Oso aukera legitimoa da, ez diot traiziorik egin nire buruari eta horrek harro sentiarazten nau, baina mundua ez dago trans jendearentzat prestatuta. Gimnasiora joaten naiz eta oso zaila egiten zait, baina orban erraldoia daukanarentzat ere hala da, baita herrenarentzat ere… Gorputza arautzea ez da gure arazoa bakarrik, arazoa eredua da.
news
argia-4ffe18daa7d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/azpeitiko-elikargunea.html
Baserri eta kalearen arteko zubi
Garazi Zabaleta
2017-12-03 00:00:00
Baserri eta kalearen arteko zubi Azpeitiko Udalak azoka plazaren inguruan abiatutako parte-hartze prozesuan du oinarri Elikagunea proiektuak. Prozesuari jarraipena emanez, eskualdeko hiru gaztek Artxara Kooperatiba Elkarte Txikia osatu eta Elikagunea aurrera eramateko ardura hartu dute. "Bertako elikagaiak sustatzea da helburua, prezio eskuragarrian eskainiz eta, era berean, kontsumitzaileak kontsumo jasangarriaren inguruan kontzientziatuz", azaldu du Xabi Izagirre Uranga kooperatibako kideak ekimenaren aurkezpen bideoan. Elikadura burujabetza helburu Azpeitia erdigune hartuta, 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik eskainiko dituzte Elikagunean. "Espazio horren barruan hainbat gune egongo dira: heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari denda", dio Izagirrek. Lehen sektorea indartu eta landa eremua bizirik mantendu nahi dute, eta horretarako garrantzizkoa da azoka plaza bizi eta dinamikoa izatea. Horrelako guneak duen garrantziaz dihardu Aiora Etxeberria Iturralde ekoizleak aurkezpen bideoan: "Elikagunea ez da guretzat erakusleiho soil bat izango, gure produktuak aurkezteko leku bat izango da, bezeroekin zuzeneko harremana izateko toki bat, bertatik bisitak antolatuko dira baserrietara… Aukera ezin hobea da guretzako". Elkarlana oinarri Talde-lanean eta elkarlanean oinarritutako antolaketa izanen du guneak. Eragile, kontsumitzaile nahiz ekoizleen parte hartzea bermatu nahi dute hainbat modutan. "Kooperatibako bazkide eginez edo lantaldeetan parte hartuz, asmoa da herritarrei proiektuan eragiteko ahalmena bermatzea", diote. Elikagunea martxan jartzeko diru bilketa abian jarri berri dute goteo.org plataforman . Elikagaien horniketarako beharko dituzten 3.500 euro da lortu beharreko gutxienekoa, eta beste 4.000 eurokoa da diru bilketaren bigarren txanda, gehigarria, beharrezko tresneria eskuratzeko erabiliko luketena. "Elikagunea bezalako proiektuak aurrera ateratzea garrantzitsua da gazte jendea lehen sektoreko lanetara animatzeko. Lehengo bideetatik zer eginik ez dagoela ikusi dugu, bada orduan bide berriak bilatu beharko ditugu", dio Etxeberriak. Geroz eta gehiago dira bide berri horien bila dabiltzan ekoizleak. Beharrezkoa da, ordea, bide horiek ekoizleekin batera egiteko prest dauden kontsumitzaileak ere martxan jar(rai)tzea.
news
argia-551da93ea2b7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/alejandro-tapia.html
Sotil eta bare
Xabier Gantzarain
2017-12-03 00:00:00
Sotil eta bare Usurbilgo Sutegi aretoan egon da ikusgai, azaroaren 3tik 12ra, erakusketa isil eta delizios bat. Usoa Zumetak egin ditu komisario lanak, artistak estudioko leku kuttunean gordeta zeuzkanak hartu eta jartzea besterik ez duela egin esanez agertu da umil, baina loriatzen du erabakiak, soiltasunak mesede egiten zion, ez zuen gehiago behar. Lanak ere halakoxeak dira, soilak, sotilak, isilak, bareak. Zaratarik egin gabe joan zen Alejandro Tapia Aiestaran (Aginaga, 1930eko azaroaren 26a – 2016ko abenduaren 24a). Bere omenez jarri dute erakusketa, atera dute katalogoa, banatu dute bisitarien artean. Eta ikusleak eskertzen du, baina pena ere ematen dio, papereko argazkiak koadro hau ikusi zuen instant hura ekartzen baitio gogora, eta harekin batera, eta batez ere, hura berritu ezina. Anjel Lertxundik eta Bernardo Atxagak idatzitako bi testu dakartza katalogoak, eta halaxe jasotzen du Atxagarenak: "Batzuetan, Basho eta bere lagunen poematxoetan bezala INSTANT bat jasotzen diate, zeru baten azken argia". Naturari begira bizi izan da artista, dena egiten zaio miragarri bere soilean, paisaia beti da bere barne paisaia. Atxagarena da hau ere: "Baserriko seme, langile Tolosa eta Donostiako errestaurazio tailerretan hamalau urtez geroztik, Tapiak 1962an erabaki zuen bere burua osoki pinturara ematea, garai hartan ospetsua zen Eguberritako Saria irabazi ondoren. 'Lana utzi behar duk?' –esaten omen zioten etxean inguruko mundua gogoan hartuz. Ez baitzegoen inguru hartan ez pinturarako girorik eta ez koadro erosle jakinik. Ordea berak barne-barneko aspirazioa zuen pintura, ezin zuen nahi hura burutik kendu, eta arriskatzea erabaki zuen". Eskerrak batzuek arriskatzea erabaki zuten, eskerrak batzuek edertasunaren alde egiten duten.
news
argia-9521a82c560c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/haurdun-egon-daiteke.html
Haurdun egon daiteke
Bea Salaberri
2017-12-03 00:00:00
Haurdun egon daiteke Hona hemen gertakaria: – Lanaldirako ez da hautatua izan. Bestea hobetsi da gaitasun gehiago ukaiteagatik. Omen.     Nahiz prestakuntza eta esperientzia onak ukan, 33 urteko Amaiur ez da lana atzematekotan. Hark pentsatuko du gaitasuna dela arazoa, huts egiten dituela lan elkarrizketak, ez dakiela ideiak ontsa azaltzen, azalpenetan nahasten dela, agian jantziak ez dituela ongi hautatzen, beharbada zazpi urte lehenagoko tirabirarengatik diotela lanpostua ukatzen gaur.     – Omen?     – Hogeita hamar urte ditu: baliteke haurdun egon dadin eta amatasun geldialdian sei hilabetez, eta ondotik burua arin. Arduradunei ez zaizkie holakoak gehiegi gustatzen, badakizu.     Denek dakigu. Zer erran gehiago? Gaia zabaldua da, arduradunak maiz gizonak direlarik, emazte bat ardura postutan hartu aitzin buruhauste anitz dutela. Emazteak beti gehiago eta hobeki egin behar du, maila ertaineko edozein gizonen heineko kontsideraziora eta lansaria ateratzera heltzeko. Gauza jakina da. %200ean zabiltza edo ez duzu balio. Horretaz gain orain, konpetentzietan gailentzen denean ere, hobesten da haurdun gertatuko denaren ez hartzea.     Harrigarria ez da, sendi da ardura CVetan ekarri erreferentzietatik kanpoko kriterioak badirela, isilean, konpainia murritzean, berdin pentsatzen duten jende artean. Lotsagarriki gertatzen da, egitura instituzionalen baitan, diru publikoa gastatzen den horietan, zeinetan legea, berdintasunarena barne, bermatzen ahalegindu beharko bailitzateke. Hautetsi, legelari, kargudunen eskutik berdin. Enpresetan ere, bere burua abertzale eta progresistatzat dutenen artean barne, horrela pasatzen da, hitz erdika, korridoreetan xuxurlaturik, begirada soilen bidez adosturik, noizbehinka emazte zenbaitek babesturik ere agian, nork daki, eta omen batzuez mozorroturik datoz gero argumentu pruntak guzia zuritzeko. Baliteke ez ginatekeela anitz okertuko erranen bagenu euskalgintzako egituretan ere gertatzen dela, justuki mota guzietako diskriminazioen biktimak izaten ohituak diren horietan beretan. Gure ondoko gizonek dituzte ahapeka holakoak aitortzen. Zeren eta, gainera, gutxi balitz, aitortzen ere diren jokamoldeak baitira, konfiantzan sentitzen den ber, ingurukoak bat datozela suposatuz edo jakinik ez direla kexatzeko gauzak izanen.     Lanposturako gai zarenez onesteaz gain, sistema kakaztu honen eskuduntzakoa da erabakitzea zein den adina haurrak egiteko, eta ondorioz langile eskas ez aski dedikatua izatekoa. Honen eskumenenekoa da horregatik baztertzea, ordezkari atzemateko lanik hartu gabe eta aldi berean parekidetasunaren onurak espantatuz lau haizeetara. Erabakitzen du, oroitarazten, haurrak egiteko adina, erdi aroan bezalatsu; 30 urteak dira gizarteak gehien azpimarratzen dizkizunak, adin horretan omen baitzenuke hasi behar haurgintza. Ohiko presio sozialaz gain, nagusiek ere azpimarratuko dute eta hobetsiko zure kontratatzea adin tarte jakin batzuetatik kanpo, baitakite zuk baino hobeki, ez noiz zaren profesionalki prest baizik eta noiz ordu estrak tira-ahala egiten ahalko dituzun, noiz xurgatzen ahalko zaituzten sariztatutik harago, noiz den lana izanen zure kezka nagusia eta bakarra. Garapen pertsonal eta profesionalak kalkulu hotzen araberakoak balira bezala, eta uztargarriak ez.     Konpetentziarik aski eta soberan dituen emaztea bazara, 30-40 urte inguru badituzu, ez ukan pretentsio profesional gehiegi, eta bazenu, lasai, inausiko dizute. Nahiagoko dute konpetentzia gutxiagoko gizona kontratatu.
news
argia-491709ef7e85
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/euskal-harginen-matxinada.html
Euskal harginen matxinada
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-12-03 00:00:00
Euskal harginen matxinada San Lorenzo del Escorial (Madril), 1563. El Escorial monasterioa eraikitzeko lanak abiatu ziren, 21 urtez luzatuko zirenak. Eta lan horietan euskaldun askok jardun zuten, proiektuaren lehen arkitektotik hasita: Juan Bautista Toledo. Hark jarri zuen lehen harria, Pedro Tolosa aparejadorearen laguntzaz, hura ere euskal herritarra. Euskaldunen zerrenda luzea da (Labarrieta, Urkiza, Berriz, Barrutia, Alkiza, Barrena, Elorriaga...), batez ere harginena. Obraren nondik norakoak idatziz jaso zituen Frai Jose de Sigüenzaren hitzetan, eraikin hura altxatzeko ofizial harginena izan zen "lanik onena eta garrantzitsuena". Eta haiena izan zen, halaber, eraikitze lanen pasadizo iskanbilatsuena. Beti ere Sigüenzaren arabera, 1577ko maiatzean, El Escorialeko alkate nagusiak, Muñoz lizentziatuak, hainbat hargin bizkaitar atxilotu zituen "garrantzi txikiko delitu bat" medio. XVI. eta XVII. mendeetan euskaldun guztiei esaten zieten bizkaitar. Alkateak atxilotuak jipoitzeko mehatxua egin zuen eta, orduan, euskal harginak herriko gartzelara joan ziren "alkatea eta aguazilak hiltzeko asmoz". Ez zuten asmoa bete, alkatea ondo ezkutatu zelako. Biharamunean, eraikitze lanak geldiarazi zituzten eta greba hasi zen. Greba edo matxinada, 1963an ABC egunkarian Carlos Vicuñak zehaztu bezala: "Matxinada diogu eta ez greba, ez zelako lanari lotutako greba izan, El Escorialeko alkatearen aurkako benetako altxamendua baizik, ohore kontu batek eraginda, euskal noble eta kapare izanik, irainduta sentitu baitziren". "Gizon haien amorrua izugarria zen" Sigüenzaren arabera, eta alkateak atxilotuak askatzea erabaki zuen. Harginak lanera itzuli ziren. Baina ez guztiak. Altxatutako hargin batzuek El Escorialetik ihes egin omen zuten eta Avilatik hamasei kilometrora, Norteko ferrokarrilaren bidean eta granitozko harrobi oparoen magalean, herri bat fundatu omen zuten: Mingorria.  Behin, granito bidalketa gortera garaiz iritsi ez eta Felipe II.a harrobi haietako kontramaisu Jose Txintxurretarekin bildu zen. Txintxurretak ez zekien gazteleraz eta ahal zuen moduan azaldu zion erregeari atzerapenaren arrazoia: "Mingorria, jauna!". Harrobietako langileak gaixorik zeudela, alegia. Batzuek diote erregeari hitz horrek grazia egin ziola eta hala bataiatu zuela herria. Beste batzuen arabera, pasadizoaren ondoren ingurukoak harginei "Mingorriakoak" esaten hasi zirela eta, azkenean, erabileraren poderioz, herriak izen hori hartu zuela. Edonola ere, egun, hargin matxinoek sortutako udalerriak oraindik Mingorría du izena.
news
argia-ac4c8bb449bb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/bestea-errespetatzen.html
Bestea errespetatzen
Xabier Etxaniz Erle
2017-12-03 00:00:00
Bestea errespetatzen Arraroa horixe da liburuaren azalean ageri den neskato horrek esaten digun lehen hitza: "Arraroa egiten zait lehenengo pisuko bizilagunaren leihoan peluka hori bat zintzilik ikustea beti". Eta, hain zuzen, horixe da neska horrek begiratzean lehenengo pisuko leiho parean zintzilik ikusten dena, kulero bat, galtzerdi bat eta tantak darizkiola dagoen aipaturiko peluka horia. "Amak dio hori baino arraroagoa dela, Zubizarretarrek biluzik daudela zintzilikatzen dutela arropa" diosku ondoren gure kontalari finak. Eta irudian Zubizarreta familiako kideak ikus ditzakegu biluzik etxean (aita arropa zintzilikatzen, ama sofan egunkaria irakurtzen, semea sofan amaren ondoan, alabak… Eta horrela etxeko auzokoen arrarotasunak agertzen joango zaizkigu, amona ez dela etxetik ateratzen, guraso begetarianoak dituen mutikoa beti dagoela txorizo-ogitartekoak jaten, Jennaren amak euskarazko etxeko lanetan laguntzen duela… eta komentario horien ondoan informazioa osatzen duen irudia dugu (Jennaren ama beltza eta musulmana dela ikusiko dugu, esaterako, edo narratzailearen amona ohean dagoela, gaixorik, medikatuta baina, hala eta guztiz ere, jolasteko gogo biziz). Arraroa album honek XI. Etxepare saria irabazi berri du eta, egia esan, pozgarria da sariketa honek euskal kulturari egiten dion ekarpena. Oraingo honetan, esaterako, oso obra berritzailea ekarri digula esango nuke. Ez bakarrik testuaren eta irudien aldetik (kolore bizi eta oso ongi markaturiko formekin, informazio zehatza eta argia emanez) baita tratatzen duen gaiagatik ere. Gai asko direla esango genuke (auzoko bakoitzak bere izaera bitxia, ezberdina, besteengandiko ezberdina daukala esango genuke) baina guztien gainetik bat nabarmentzen da, onarpenarena, besteekiko errespetua. Gizakion askatasunaren aldeko lana da Arraroa hau; izan zaitez zeu, eta onar itzazu besteak diren bezalakoak. Arraro hitzarekin ekiten dio narratzaileak kontakizunari, eta horixe da liburuan zehar gehien errepikatzen den hitza, bai eta liburuari amaiera ematen diona. Oraingoan, baina guztiz bestelako zentzua izango duen esanahiarekin, arrarotasunen kontrako mezuarekin: "Denetan arraroena da, niri, geroz eta gauza gutxiago iruditzen zaizkidala arraro".
news
argia-40ac16428179
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2577/araba-euskaldunagoa-baina.html
Araba euskaldunagoa, baina...
I�aki Martinez De Luna
2017-12-03 00:00:00
Araba euskaldunagoa, baina... Asier Etxenikeren hitzak dira, Alea aldizkarian jasoak: "Gure ingurua uste duguna baino euskaldunagoa da, baina horretaz jabetu behar gara euskaldunak, kontzientzia hartu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak baliatu..." Ideia hori erabat berretsi zen Gasteizen, Euskaltzaindiak egindako XXII. Jagon Jardunaldian. Hantxe azaldu bezala, VI. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi du 16-30 urte bitarteko lau arabarretik hiru euskaldunak direla. Euskararen erabilera orokorra, % 5,6koa baino ez bada oraindik, 1,3 puntu igo da 2011tik 2016ra. Haur eta nerabeek datu altuagoak emango lituzkete, dudarik gabe. Era berean, VII. Kale Erabileraren Neurketak ere goranzko joera erakutsi duela azaldu zen jardunaldi horretan. Bilakaera positibo hori bultzatzen ari diren hainbat ekimen herritar, profesional eta instituzionaleko ordezkariek ahotsa izan zuten esandako jardunaldian. Prozesuaren argi-ilunak agerian jarri ziren, betiere oso tonu orekatu eta neurtuan. Aurrera begirako sentsazioak, oro har, itxaropentsuak eta ilusionagarriak. Lerro-burua, hala ere, baina batez amaitu dugu. Zergatik? Hizlarien pisuzko kezken eta kexen artetik bat gailendu zitzaien gainerakoei: Trebiño Konderriko testigantza gordina. Izan ere, Araba den –edo izan beharko lukeen  eskualde hori– "ez da Araba" euskarari dagokionez. Hala esan zuen Gutxisolo elkarteko Pilar Ansotegik, baieztapen hori argudio esanguratsu ugariz hornituz. Lerro-burua, hala ere, "baina" batez amaitu dugu. Zergatik? Hizlarien pisuzko kezken eta kexen artetik bat gailendu zitzaien gainerakoei: Trebiñuko testigantza gordina Trebiñoko Konderrian egin diren urratsak miresgarriak dira, besteak beste Argantzun ikastola ireki izana. Emandako pausoak azaltzearekin batera, eskualde horretako ordezkaria beste ahots batzuen bozeramailea ere izan zen. Larriak ez balira, esperpentikotzat jo genitzake euskararen inguruko pasadizo batzuk; adibidez, guardia zibilak ikastola inguruetan kontrolak jartzea. Euskara arriskutsua omen Castilla-Leongo erkidegoan; baita erabat atzerritarra ere. Afrika edo Asiako hizkuntzak bezain arrotz, hain zuzen, ez baitute erkidego autonomikoaren ofizialtasunean zirrikitu txikienik ere. Bestalde, Arabako erakundeen eskumenetatik harago daude; "ez da Araba" euskarari dagokionez. Horren guztiaren ondorioz, euskara bultzatzeko ahaleginetan dena bihurtzen da zailtasun eta oztopo. Trebiñuko kontakizunak frankismo garaiko bizipen latzak gogorarazten zizkigun entzuleei. Daukaten helduleku ia bakarra herritarren babesa da. Hango egoerarekin alderatuta, Arabako (beste) lurraldeetan izandako aldaketa agerikoa da. Horregatik, faxismoaren inertzia astuna Espainian inoiz gaindituko bada, Konstituzioak izan beharko lukeen errotikako eraldaketan lekuan lekuko hizkuntzei aitortza egin beharko zaio. Bitartean, Araba euskaldunagoa, bai, baina…
news
argia-91b422e9655f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/taxuzko-requiema.html
Taxuzko requiema
Montserrat Auzmendi del Solar
2016-05-01 00:00:00
Taxuzko requiema Aurrera doa OLBEren aurtengo abonu-zikloa. Oraingo honetan, ohikoa den opera eskaini beharrean, orkestra, abesbatza eta bakarlarientzako titulu ederrenetako bat, Tutto Verdi zikloaren barruan: Messa da Requiem famatua. Holako obretan, requiemetan, beti aurkitzen dugu musikatik harago doan emozio berezia. Fauré-ren requiema, Mozartena, hunkigarriak dira, gure barruko sentsibilitatea ukitzen dute. Verdiren réquiemarekin, ordea, eta duen sakontasuna ukatu gabe, beste sentimendu bat sortzen zaigu: alaitasuna eta indarra. Heriotzaren alderdi malko isurlea potentziatu ordez, itxaropena, bakea, baikortasuna irudikatzen du lan honek. Eta musika ezin ederragoa eskaintzen du, dudarik gabe. Esan genezake OLBEk ekarritako bertsioa luxuzkoa izan dela, parte hartu duten bakarlariak primerakoak direlako: Gregory Kunde estatubatuarra behin baino gehiagotan entzun dugu OLBEren emanaldietan. Denboraldi honetan Renato des Grieux izan da Manon Lescaut operan, orain dela oso gutxi. Aurrekoetan bezala, emanaldi distiratsua egin zuen, bere ahots liriko spinto txispaduna erakutsiz, benetan ondo. Bere ondoan, Dolora Zajick mezzo-soprano handia entzun dugu. Abeslari hau Verdiren roletan espezializatua dago, beraz, espero genuen bezala, ez zigun huts egin. Halere, azkeneko aldiz entzun nuenetik, aldatuta aurkitu nuen bere ahotsa, proiekzio gutxiagokoa, ez hain boteretsua. Angela Meade sopranoak, lehenengo aldiz Bilbon, txunditu egin zuen publikoa, merezimendu osoz. Ahots distiratsu, boteretsu eta segurua du soprano honek. Aitzakia bakarra, zertxobait mekanikoa iruditu zitzaidala bere abesteko era. Eta, bakarlariekin amaitzeko, zinez interesgarria izan zen Ildebrando d'Arcangelo baxuaren interpretazioa. Erraz abesten du, erregistro guztietan aise mugitzen da, segurua, eta tinbre eder eta haragitsua du. Bilboko Operaren Abesbatza, Boris Dujin-en batutapean, beti bezala, xuxen aritu zen, ongi, indartsu. Agian pasarte indartsuetan erakutsi zuen bere kalitatea, Dies Irae boteretsuan bezala, baina fineza gehiago behar zuten uneetan ukitu mistikoa falta izan zitzaien. Pena. Gauza bera esan genezake Verum Orkestra Sinfonikoari buruz (2007an Verum Bodegas y Viñedos ek sortutako orkestra): ongi bete zuten beren lana, baina, nahiz eta Francesco Ivan Ciampa zuzendaria saiatu, ez ziren iritsi nahi genuen kolore orkestral bikainera. Halere, saio benetan ona.
news
argia-3d42adcc1b0e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/adolfo-munoz-elako-idazkari-nagusia.html
"Euskal neoliberalei asko gustatzen zaizkie Espainiako lege eta hitzarmenak"
Urko Apaolaza Avila
2016-05-01 00:00:00
"Euskal neoliberalei asko gustatzen zaizkie Espainiako lege eta hitzarmenak" Maiatzaren 1a gertu dela izan gara Adolfo Muñoz Txiki-rekin (Mañueta, 1959) Gasteizen. 2008tik da ELAko idazkari nagusi eta krisiaren urte latzenetan tokatu zaio sindikatu abertzalea gidatzea. Nabari zaio, jarreran eta mezuan, giro erasokor batean ondu behar izan duela bere burua: "Duela zortzi urte ez genuen espero hau bizi behar genuenik, baina patronalak ere ez zuen espero hainbeste botere emango ziotenik". 2009an esan zenigun ez zeundetela prest "krisia langileek ordaintzeko", zazpi urteotan gertatu dena ikusita, zer balantze egiten duzu? Ez genuen espero botere ekonomikoak politika hainbeste baldintzatuko zuenik. ELA patronalarekin, gobernuekin eta hainbat kazetarirekin egoten denean esaten digute "hau da dagoena", ontzat ematen dute. Nik balantze txarra egingo nuke, batez ere ikusita zer paper jokatu duen politikak krisi honetan. Herritarrari ere mezu hori helarazten zaio, murrizketak egin behar dira ez dagoelako beste erremediorik. Horrela da? Ez. Demokrazia baldin badago alternatiba badago, baina ez dago demokraziarik. Gaur bertan hedabideetan agertzen da Greziak aurkeztuko duela pentsioen erreforma bat eta Troikak esan dio "ez duzu imajinatuko zuk legebiltzarrera eramango duzula hori nirekin adostu gabe?". Legebiltzarrera iristen dira soilik demokraziatik kanpo ontzat eman dituzten gauzak. Hori gertatzen da Grezian eta gertatzen da Espainian. [Pierre] Moscovici Europako ekonomia komisarioak hori dio, esaten duenean bilera bat duela Espainiako Gobernuarekin, eta ez dakiela norekin baina bai zertarako: 23.000 milioi euroko doikuntza egiteko. Pentsioen erreforma ari dira prestatzen. Oraindik okerrena pasatzeko gaude? Hau ez da amaitu. PSOEk Ciudadanosekin egin akordioan garbi azaltzen da prest daudela Europarekin dituzten memorandumak aurrera eramateko. Hortik ez da aldaketarik etorriko. Euskal Herrian berdin: Urkulluk dio bete duela defizita, egia izan daiteke, baina nola? Murrizketak egiten eta ortodoxia neoliberala jarraituz. Kasu odoltsuak ikusten ari gara: Arcelor, Tubos Reunidos... Zuek Eusko Jaurlaritzaren industria politikarik eza kritikatu duzue. Industria sailak diru-laguntzak ematen dizkie enpresei; lobby bat bezala ari da jokatzen hobari fiskalak izan ditzaten. Argudiatu dezake ekonomia suspertzeko dela. Txinarekin lehiatu nahi baduzu horrek ez du mugarik, eta kohesio soziala baldintzatzen du. Enpresa-errentek ez badituzte zergak ordaintzen, soldatetatik bakarrik bilduko da dirua? Arcelorren kasuan dumpinga existitzen da, bai, baina multinazionalek egiten dute Txinatik. Tarifa elektrikoaz, berriz, EHUko txosten batek dio enpresa horiek ez dutela Alemanian baino gehiago ordaintzen. Baina Jaurlaritzak ontzat eman ditu argudio horiek eta erraztu egin dio bidea: enpresak aukeratu du doikuntza hemen egitea erraza eta merkea zaiolako. Hitzarmen kolektiboen "estatalizazioa" salatu duzue, hori gabe ez dagoela autogobernurik. Paradoxikoa da politikaren arloan burujabetzaz hainbeste hitz egiten denean, arlo sozialean halakoak salatu behar izatea. Zergatik gertatzen da hori? Guk subiranotasun soziala defendatzen dugu, baina ez bakarrik helburu moduan, gaurtik hasita baizik. Soziala ez bada, ez dugu inoiz irabaziko subiranotasuna. Eta estatalizazioak pobrezia dakar. Espainiako patronalak Bizkaiko ostalaritzaren hitzarmena inpugnatu du eta kolektibo horri soldata %50 murriztuko zaio, esaterako. Hori oso erakargarria da botere ekonomikoarentzat –Mondragon taldea barne– baita politikoarentzat ere. Guk gogor salatu dugu EAJren jarrera: 1994an Espainiak gauza bera egin nahi izan zuenean alderdi horrek jokabide duina izan zuen, baina orain ez du inolako interesik. Euskal neoliberalei asko gustatzen zaizkie Espainiako legeak eta hitzarmenak. Klausula sozialak ezartzeko legegintzako herri ekimenaren (LHE) ordez, EAJk eta PSEk hurbileneko ituna betetzera derrigortzen ez duen testua onartu dute. Aipatu duzun joera horren adibide izan liteke? Tramitazioan esan digute legean ezin dela azaldu zer hitzarmen ezarri behar duten enpresek. Confebask eroso dago, ultra-aktibitatearen eraginez bertan behera geratzen dira hemengo hitzarmenak eta indarrean jartzen dira Espainiakoak. Eta Urkulluk defizita horrela bete du, eraikuntza publikoan orduko bost euroko lan-baldintzak inposatuz. EAJko legebiltzarkide batek duela sei hilabete garbi esan zigun: "Subrogazioa ontzat hartuko bagenu, ezingo genituzke lizitazioak beherago eraman". Momentu horretatik bagenekien legegintzako herri ekimena baztertuko zutela. Baina zer egin daiteke Europak agintzen duen defizit mugarekin? Alternatiba ere fiskalitatean dago. Europan dagoen batez besteko presio fiskala ezartzen bada, EAEn 5.700 milioi euro gehiago lor daitezke, eta Nafarroan 1.800 milioi gehiago. Noski, zor publikoaz Espainiak agindutakoa bete nahi baduzu eta defizit muga obsesio bat baldin bada zuretzat, fiskalitatea ukitu gabe ez dago beste alternatibarik. Legegintzako herri ekimena baztertu ondoren, zer bide hartuko duzue orain? Prekarietatea non dagoen, hara joan behar dugu. Pentsatzen badute itxiera horrekin amaituko dela arazoa, oker dabiltza. LHEaren edukiak udaletara eramaten ari gara, eta esaterako Durangon onartu egin da. Jendeari azalduz gero atzean zer dagoen, etor daitekeenaren aurrean balazta jar daiteke. Urkulluren gobernuarekin oso kritiko azaldu zara, politika neoliberalak jarraitzen dituela esanez. Angel Toña sailburuak "maximalista" izatea egotzi dizue eta Urkulluk berak "errealitatetik kanpo" bizitzea. Zergatik dago hain ozpinduta zuen arteko harremana? Lehentasuna ortodoxia neoliberala baldin bada, ez dago tokirik akordioak bilatzeko. Eusko Jaurlaritzak harreman "klientelarrak" nahi ditu. Akordio partziala egitekotan, akordio horrek baldintzatu behar ditu sindikatuaren kritikak gobernuarekiko, eta gu ez gaude horretarako prest. Hitzarmen kolektiboen estatalizazioaz hitz egiteko bilera eskatu duzue Urkullurekin eta Barkosekin. Erantzunik jaso duzue? Urkulluk ezezko borobila eman digu eta Barkosekin data jartzekotan geratu gara.   Prekarietatea aipatu duzu. Badaude gazte langabetuak, bost euro kobratzen duten azpikontratatuak, zaintza lan ikusezina egiten dutenak... Jende horri guztiari behar bezala erantzuten ari al da sindikalgintza? Ez. Adibide bat: eraikuntzan hitzarmenak daude sinatuta Bizkaian, Araban eta Nafarroan –Gipuzkoan ez–, baina ez dira ezartzen, hitzarmenak sinatzen dira baina ez dira ezartzen. Horregatik negoziazioan ezarpen bermeak eskatu ditugu, baina patronalak ez du sinatu nahi. Eta prekarizatuen beharrei erantzun ezinean bazabiltzate, ELA barruan egin duzue hausnarketarik edo autokritikarik? Momentu honetan eztabaida hori da kezka nagusiena sindikatu barruan. Aldaketak egin ditugu antolakuntzan: federazioko jendea eraman dugu eskualdeetara, enpresetan lan oso zaila denari babesa emateko. Enpresetako zoru naturala uzten baduzu ez zara inor, eta adibideak badaude sindikalgintzaren munduan. 3.500 delegaturen artean ikastaroak egin ditugu, koiuntura ezagutu eta prekarietate mapak osatzeko. Kanpaina bat ere martxan jarri dugu, prekarietatea ardatz duena, eta enpresen etekinak eta super-soldatak agerian utziz. Kanpaina horretan politikari eta enpresarien argazkiak erakutsi zenituzten, horrek polemika izan zuen. Baina oso pedagogikoa da. Jendea kontziente da manipulazioaz, baina kontzientzia hori botere bihurtu behar da. Mundu hutsal honetan politikak, ezkerrak barne, uko egin dio eztabaida ideologikoari. Ezkerraren ardura baldin bada nola lehiatu instituzioetan boterea irabazteko, gobernatzen hastean tarte estua baizik ez du aurkituko. Eta kanpotik egiten zaion interpelazioak ezin du arazo izan, ez baitago munduan ezkerrik kanpo interpelaziorik gabe. Hori esatean, Nafarroa duzu buruan? Baita ere. Nafarroan akordio programatiko bat egin zen eta hainbat esparrutan pozik gaude, UPNren erregimenak onartzen ez zizkizun oinarrizko gauzak onartzen dizkigutelako orain, oroimen historikoarekin kasu. Euskararen arloan ere eman dituzte aurrerapausoak –ez nahikoak, gogoratu behar da Vascuencearen Legea indarrean dagoela oraindik–. Baina egin duten zerga-erreforma ziztrinarekin aldaketa politiko eta sozialik ez da egongo. Eragile sozialen eta sindikatuen funtzioak zein izan beharko luke testuinguru horretan? Horren atzean dago ELA eta LABen arteko desadostasun bat. Zer paper jokatu behar du sindikatuak? Instrumentala izan behar du edo autonomoa izan behar du? Gure kezka nagusiena sozialki eragitea da, edozein dela ere instituzioetan dagoena. Lehen esan dut, ezkerrak hausnarketa egin behar du, baina horren barruan instituzioetan ez gaudenok ere eztabaidatu behar dugu zer paper jokatzen dugun. ELAk garbi du instituzioetan ez dela ezkerrik izango bertan behera geratzen bada aktibazio soziala. ELA eta LABen arteko ekintza sindikal bateratua urrun dagoela dirudi. Aliantza sindikalak oinarri sindikalik gabe ez du etorkizunik. Potentzialtasun handia ikusten dugu ELA-LAB erlazioan, baina ezker abertzalea boterea kudeatzen aritu den garaian ez zaio interesatu; aliantza instrumentala bilatu du eta ez du interpelatu nahi izan. Zein kasutan? Bildu Gipuzkoan sartu zenean bankarizazioarena egin zuen inolako azalpenik eman gabe –aurreko astean ELA eta LAB kalean geunden elkarrekin–, eta Kutxabank pribatizatuko da erabaki horretan edukirik eta parte-hartzerik izan gabe. Orain zementugileen ordezkari den Tea party gipuzkoarrak desegin du aurreko guztia –Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzekin egin dutena ikusi besterik ez dago–, baina horrek ez du bihurtzen Bilduren erreforma fiskala super-erreforma fiskalean. Ez eduki, ez parte-hartze. Patronalak parte-hartzeaz duen ikuspegia ere ez duzue begiko. Ohituta gaude eskuinari entzuten demokraziaren legitimitatea parlamentuan amaitzen dela. Urkulluk dio herri honetan "administrazioa, enpresak eta pertsonak" daudela. Hau da, haien ustez antolakunde kolektiboek ez lukete botere publikoaren eta herritarren arteko erlazioan eragin behar, ezta enpresarien eta langileen artekoan ere. Horretan bat egiten du patronalarekin. Ezkerrak hausnartu beharko luke ea zein izan behar duen harreman horrek. Herritarren artean mugimenduak hasi dira prekarietate eta eredu neoliberalaren aurrean alternatibak eraikitzeko: ekonomia sozial eraldatzaileko ekimenak, proiektu autogestionatuak, kooperatiba txikiak… Nola kokatzen zarete hor? Ezin ditugu gauzak bakarrik egin. Gu Alternatiba ekimenaren sustatzaile gara, lan egin behar da sindikatuen eta mugimendu sozialen artean harremana sendotzeko. Gertutasunik nabaritzen duzue? Batzuetan garapen maila desberdina sumatzen dugu hainbat esparrutan, baina normala da. Nolanahi ere, jendea ez da preseski lanean hasten sindikatua non dagoen galdezka, asko konplikatu zaigun mundu bat da, eta ez badugu branka jartzen errealitate horien norabidean, egoera begetatiboan geratuko gara. Horretarako sindikatuak konplizitate handia behar du bere militanteekin. ARGIAri Mozal Legea ezarri izana salatu zenuten eta elkartasuna adierazi. Horrelako lege injustuei aurre egiteko ELAren ustez zein da bidea? Erantzunak soziala izan behar du. Guk Barne sailburuarekin bildu nahi izan genuen; gauza bat da legeak esaten duena eta bestea instituzioek zer egiten duten. Bilera horretan jakin nahi genuen hain lege basatia nola aplikatuko zuten, ez baitago formazio-protokolorik ertzainei azaltzeko funtsezko eskubideak ari garela erabiltzen. Baina sailburuak ez gaitu hartu; arrasto autoritario bat dago eta distantzia gero eta handiagoa. Halako kasuetarako desobedientzia da gero eta gehiago aldarrikatzen den ekinbide zibila. Sindikatu batek, greba eta mobilizazioetatik harago, zer egin dezake bide hori urratzeko. Desobedientzia zibila oso garrantzitsua da estatuaren estrategiari aurre egiteko. Gu aztertzeko prest gaude, baina desobeditzeko koltxoi soziala behar duzu atzean, bestela gauza anekdotiko bat izateko arriskua du, eta desobeditzen duen jende guztiarekiko errespetuz diot. Baina lan arloan nola praktikatu daiteke? Esaterako, patronalak eta gobernuek hitzarmenak ezartzeko bermeak sinatzeari uko egin eta "hori da dagoena" esaten dutenean, guk ez dugu onartzen. Hori desobedientzia ekintza bat da. Ez duzu ametitzen sindikatuaren xedeak botere ekonomikoak erabakitzea, eta hortik aurrera antolakuntzari zentraltasun osoa ematen diozu, badakizulako horretan oinarritzen zarela.
news
argia-447c1cd667cc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/confebask-en-marketin-operazioa.html
Confebask-en marketin operazioa
Juan Mari Arregi
2016-05-01 00:00:00
Confebask-en marketin operazioa Confesbaskek bere lan harreman eredu berria egin zuen publiko ekitaldi batean. Eusko Jaurlaritzak eta ehunka enpresarik babestuta, lobby patronal horrek egungo errealitatera egokitzen saiatzen ari den eragile sozial modernoaren itxurak egin zituen. Ekitaldi hori, ordea, marketin operazio hutsa baino ez da izan, patronalaren propaganda. Lan harreman berria eskaintzen duela aditzera emanez, bere filosofia eta lan baldintza eskasak inposatu nahi ditu, etekinak pilatzen segitzeko. Patronalek marketin eta propaganda ugari egiten badute ere, ezin dugu ahaztu klase borroka ez dela iraganeko zerbait, gure gizartean eta enpresen sakonenean dagoen zerbait baizik. Patronalaren operazioak hitz egiten du lan harremanetan gardentasuna eta malgutasuna eduki beharraz, baina praktikan langileei behin eta berriz ezkutatzen zaie enpresaren egiazko egoera ekonomikoa. Malgutasuna, berriz, lan prekarietate gehiago lortzeko baino ez da erabiltzen. Marketin eta propaganda operazio horren atzean lan harremanen indibidualizatzea dago, negoziazio kolektiboaren blokeoa, sindikatuak eta enpresa batzordeak baztertzea. Hala, etekinak lortzeko euren monopolioari egiten diete mesede, prekarietate politikan sakonduz, administrazio publikoak diruz laguntzen dien bitartean. Egungo egoera sozio-laboralean ikaragarriak dira prekarietatea eta desberdintasunak, eta horrek, logikoki, sindikatuen arteko lehia sortzen du. Enpresariak eta langileak enpresetan elkarrekin bizi daitezen, existitzen den klase borroka hori kontuan hartuko duen elkarrizketa behar da, informazioa soilik ez, etekinak eta erabakiak ere konpartitu egin behar dira.
news
argia-4bfbafceda7e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/datak.html
Datak
Angel Erro
2016-05-01 00:00:00
Datak 2006ko azaroaren 29a: ama zenaren izena eta bi abizenak Googlen bilatzeko bulkada sentitu dut eta, zer aurkitu nahi nuen ez nekien arren, harri eta lur gelditu naiz ikusi dudanean ez duela emaitza bat ere. Ama hil da arrasto digitalik utzi gabe. 2012ko otsailaren 5a: egunkarian eskela bat irakurri dut Doña Predestinación izeneko andre batena, Tafallakoa, Burlatako tanatorioan dagoena. Txistea egina etorriko zen, grazia balu. 2011ko otsailaren 6a: Noticias egunkariko "Sabía usted que…?" atal kuxkuxeroan gaur atera da aste honetan Iruñeko ile apaindegi berean kasualitatez bat egin dutela Yolanda Barcinak eta Maiorga Ramirezek. Antzezlan baten hasiera ona. Biak publikoari begira eserita, intimitate eta ahulezia momentu horretan, zerukoaz eta lurrekoaz mintzo, tartean estilista (topikoa betetzeko maritxu) bat sartuta. 2009ko apirilaren 13a: Ibon, Uxue eta hirurok Almudenako hilerrira joan gara gaur. Leku ikaragarri zabala da, bertatik Madril ia osoa ikus daiteke. Ekarri izan ez baninduten, ez zitzaidan inoiz honaino etortzea bururatuko. Zaindari batek abisatu digu hamar minutu barru itxiko zutela, baina irteera non zegoen zehaztu gabe. Kostatu zaigu aurkitzea. Hasia naiz pentsatzen bertan itxita geldituko ginela, joatean hilerrirako bidea erakutsi digun agure batek esandakoa ("está por ahí, pero que no os coja el trompetero") beteko zela sinetsita. Krematorioaren atetik atera gara azkenik, irekita zegoen, agian errausketa bat zegoelako, beharbada Corín Tellado idazlearena, pentsatu dugu, edo ondorioztatu. Neure buruari onartu diot Corín Telladoren hiletan egon naizela etorkizunean esateko eskubidea. 2008ko urriaren 15a: ekoiztetxeko bat etorri da denok kontratuaren klausula osagarri bat sina dezagun, isilpekotasun klausula bat: hamar urtez ezin dugu errodajeko ezer inon kontatu, aipatu ez ezer. Sinatzea beste erremediorik ez dudanez izan, kronikatxo hau egiteari utzi beharko diot. (Oharra: pelukeriako neskak, raccord kontuez ari zela, kontatu digu, Penélope Cruzek, raccord-argazkiak teknikariei pasatu baino lehen, photo-shopa eginarazten diela, badaezpada norbaitek filtratuko balitu, eta, beraz, makillajekoak sutan egoten direla, ez baitzeukaten eszenaren jarraipenerako heldulekurik). 2012ko irailaren 12a: Martzial berrirakurtzen ari naiz. Orain arte topatu gabeko bertuteak aurkitu dizkiot. Begiratu poema honi. Haiku japoniar fin eta peplum erromatar baten parodia topikoz jositako baten arteko nahasketa dirudi: Horazio, bera bakarrik, kapa beltza jantzirik, zirkoko jokoak ikusten ari da, plebea, senatariak eta zaldunak   zuriz jantzita dauden bitartean, enperadorearekin bat, bakoitza bere tokian. Bat-batean elurra hasi da: Horazio kapa txuriaz ari da jokoak ikusten.     2011ko urtarrilaren 13a: arrebak deitu dit genetistarekin egon dela kontatzeko. Gure familiaren hemofiliak zer gene duen kalteturik zehazteko, ni naiz "familia" bakarra. Medikuak ez omen du aurpegi onik jarri. Zenbat eta ahaide gehiagori egin, hainbat hobe eta zehatzago estudioa. Dena den, medikuak txostenean begiratu du eta, emaitzak guri bidali ez arren, ikerketa mediku bat egin ziguten orain hamazazpi urte eta Bartzelonan ba omen dute nire DNA eta amarena gorderik, auskalo zer laborategitan, auskalo zertarako. Saiatuko  da eskatzen eta horrekin moldatzen.
news
argia-0a37f2d9d07f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/simona-skrabec-zubi-bat-hizkuntzen-gainean.html
"Beste ertzean dagoena zu bezain baliosa dela aitortzea da itzulpena"
Aritz Galarraga
2016-05-01 00:00:00
"Beste ertzean dagoena zu bezain baliosa dela aitortzea da itzulpena" Hegoafrikatik iritsi berritan harrapatu dugu PEN elkarteko kidea. Translation and Linguistic Rights Committee izeneko kongresuan izan da, hain zuzen, Afrikako idazle eta kazetariek bizi duten egoera gertutik ezagutzen. Egunerokoaren gogorra ikusi arren, baikor itzuli da: lortu dute herrialde afrikarrekin konplizitate sare bat sortzea. Zer ekarri duzu Hegoafrikatik? Ez dagoela diferentziarik pertsonen artean, inoiz ez. Benetan gerturatzen bazara bestearengana, askoz gehiago dira partekatzen diren gauzak desberdintzen gaituztenak baino. Eta, afrikarren aldean, iruditzen zait hemen Europan estuegi lotzen gatzaizkiola arauari. Lehenengo egiten dugu araua eta gero ikusten dugu ea moldatzen garen.   Eta, moldatzen gara? Gure arteko kontaktu handiagoa beharko genuke, gauzak datozen neurrian konpontzen saiatzeko. Adibidez, errefuxiatuen krisian: ahazten zaigu pertsonak direla, gure kidekoak, eta ez zifrak; ez dela besteen arazo bat, gurekin zerikusirik ez duena. Ulertu behar da mundua osotasun bat dela, eta denona, ez soilik mugak jarri dituztenena. Eta hori esan beharra dago, ezin gara nekatu. Hitzak zer egin lezake hor? Hitzak indarra du, beti egiten du zerbait. Borroka desorekatua da, noski. Harritxoa baino ez gara boteredunaren oinetakoan. Baina ez bada ezer egiten gauzak ez dira desagertzen, hazi baino ez dira egiten; eta infinituki haz daitezke, haz daitekeen bezala erregimen politikoen eta giza burmuinaren gaiztakeria. Mundua ez dago erabakita, beraz. Batek pentsa dezake baietz, egin behar dena dela egokitzea, zure txokotxoa aurkitzea, bizitzea. Baina argi dago ondo ez dabilen gauza gehiegi dagoela. Etengabeko borroka da existentzia. Eta hori ikusten da zurea ez bezalako errealitateekin kontaktua duzunean. Batzuetan oker dauden iritziak ditugu, ezagutza falta zaigulako. Gure oinarriak errepasatzeko beharra dugu, irekitzekoa, ontzat jotzen genituen gauzak beste egoera batzuetan kalterako izan daitezkeelako. Mundua ulertzen saiatzea prozesu bat da, sekula burutuko ez duguna. Ulertzen saiatzea ote da itzulpena ere? Itzulpena ez da praxia, aurretiko jarrera bat da: aitortzea beste ertzean dagoena zu bezain baliosa dela. Diferentea dela, egokitu behar zarela, esfortzu bat egin behar duzula ulertzeko. Eta onartzeko: beste arau batzuk onartzeko prest egon behar duzu, askotan zureengandik oso desberdinak izan daitezkeenak. Esango nuke irekiera eta iragazkortasuna direla gakoak. Asimilazioarekin zerikusi txikia du horrek. Itzulpena ikusteko bi manera daude. Lehenak baztertzen du publiko orokorrarentzat kaltegarri den guztia. Gehien zirkulatzen duten testuak izan ohi dira, best seller-ak. Baina edozein lekutan idatzitako obrak izan daitezke, ez dute tokiko ezaugarririk. Hori ez da itzultzea. Asimilatzea baizik. Itzultzea da zaintzea arrotz dena obra orijinalean, ulertzea parean zuk ezagutzen ez duzun jendea dagoela, mundua ez duzula menperatzen, ez duzula sekula menperatuko, zabalegia baita. Iristen zara zalantzan jartzera zenituen sinesmen sendo guztiak. Denok behar dugu zerbaitetan sinetsi, erlatibotasun hori zaila da onartzen; baina beharrezkoa, mundua horrelakoa delako. Eta literatura unibertsala? Ez da uki ezin daitekeen altxor bat. Etengabeko elkartrukatzea da, kanonaren errebisio konstantea. Tradizioa ez da hainbeste obra bera, obraz hainbestetan idatzi izan dena baizik. Komunikazioak egiten ditu handi hizkuntzak. Eta ikusgarritasuna da besteak ulertzeko gaitasuna. Ez bakarrik haiek gu ikustea, guk haiek ikustea ere. Ingelesez? Azken urteotan aldaketa larri bat gertatzen ari da Europako politika kulturalean. Orain denok nahi dugu ingelesa, edo frantsesa, denok Frankfurteko feriara. Diru-esfortzu guztiak kanpora itzultzeko bideratzen dira. Baina zure kulturak hortik ez du ezer hartzen. Hartzen du inportatzen duzunetik, handi nahiz txiki, zure hizkuntzan irakur ditzakezun autore arrotz horiengandik. Bat-batean ez dago txikienganako interesik: hain dira txikiak, etxea zikinduko baitigute haien txikitasunarekin. Handinahiaren konplexua? Astakeria da, zu handia zara asko uler dezakezun neurrian, zure ezagutzaren eta aniztasunaren neurrian. Politikariak horren garrantziaz jabearaztea ezinezkoa izango da dagoeneko. Baina zure etxera poeta armeniar bat ekartzeak prestigio handiagoa emango dizu, probetxu handiagoa aterako diozu, zure poetak New Yorken inork ikusiko ez duen jaialdi batera eramateak baino. Zurea itzultzeari utzi gabe, noski. Bai, baina harreman bat ezarri behar da. Orain dena egiten da diruaren bidez: auskalo ze bilduma prestigiozko, auskalo ze areto arranditsu. Horrek ez dauka batere interesik. Niri interesatzen zaidana da zer esan duten, zergatik esan duten, nola ikusi gaituzten. Hori da ezagutu behar dena. Lasterketa politikoan jakin nahi dute nor den irabazlea, tori medaila. Arrakasta eta porrotaren erretorika horretan erortzen gara. Baina literatura eztabaida konstantea da, zer gertatzen den pentsatzeko aukera.
news
argia-2b26efb47de5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/neandertalak-berriro-hitz-egiten-hasi-dira-30000-urte-eta-gero.html
Neandertalak berriro hitz egiten hasi dira 30.000 urte eta gero
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-05-01 00:00:00
Neandertalak berriro hitz egiten hasi dira 30.000 urte eta gero Orain dela hilabete batzuk aurkitu zuten Neandertalgo gizakiek, guk bezala, lengoaia garatzeko funtsezkoa den FOXP2 genea zutela. Hitz egiten zutela baieztatuta, nola hitz egiten zuten jakin nahi izan du Floridako Unibertsitateko Robert McCarthy antropologoak. Frantzian aurkitutako hiru neandertalen arrastoak xehe aztertuta, eta Phil Lieberman hizkuntzalariaren laguntzaz, hominido horien ahots traktua berregitea lortu du eta, sintetizadore bat eta ordenagailu bat erabilita, haien ahotsa simulatzen hasi da. New Scientist aldizkarian argitaratutakoaren arabera, neandertalek egiten zituzten soinuak ez ziren gizaki modernoarenak bezain garbiak eta zehatzak, eta bokalak modu zakarragoan ahoskatzen zituzten; itxuraz, "igelen edo gizakien korroken antza" zeukaten soinuek. Oraingoz, McCarthyren "neandertal sintetikoak" E letraren soinua besterik ez du egiten, baina antropologoak esaldi oso bat esan dezan lortu nahi du.
news
argia-500fd2394f23
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/murrizketen-sintomak-osasun-zerbitzuan.html
Murrizketen sintomak osasun zerbitzuan
Gorka Berasategi
2016-05-01 00:00:00
Murrizketen sintomak osasun zerbitzuan Ospitaleak eta osasun zentroak aterpe izango ditugu guztiok, noizbait, gure osasunak ezusteko arazoren bat sufritu, edo, denboraren poderioz, gorputzak egoki jarduteko laguntza beharko duenean. Ez da alferrikakoa, beraz, osasun publikoari buruzko kezka. Azken urteetan, lan gatazken protagonista izan da Osakidetza. Jaurlaritzak egin dituen murrizketei erantzuteko batasun sindikala bultzatu dute SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO, UGT eta ESK-k, eta osasun zentroetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte, greba orokor deialdiak tarteko, lan baldintzak berreskuratzea aldarrikatzeko. Murrizketen eragina langileen egoera kaltetzetik harago doa, ordea, eta gizarte osoari eragiten dio, sindikatuek salatu dutenez. Osasun zerbitzu publikoaren kalitatea dago jokoan. Osasun zerbitzu publikoak okerrera egin du Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, Osakidetzako sindikatuen iritziz. Langileen ordezkariek adierazi dute itxaron zerrendak luzeagoak direla, ospitaleetan ohe gutxiago daudela zabalik eta lan zama gehiegizkoa dutela profesionalek gaixoak egoki artatzeko. Egoeraren ardura Eusko Jaurlaritzari leporatzen diote, azken sei urteetan bultzatu dituen murrizketengatik. Sindikatuez gain, Osalde osasun eskubidearen aldeko elkarteak ere uste du azken urteetako murrizketek kalte egin diotela osasun zerbitzu publikoaren kalitateari. Nolanahi, Juan Luis Uria elkarteko presidenteak desberdindu egin ditu Espainian "PP eta CiUren eskutik" garatu diren "pribatizazio ereduak" eta Jaurlaritzaren norabidea. Espainian osasun zerbitzuak berrordaintzeko ezarri zen neurriari Jaurlaritzak aurre egin ziola argitu du, era berean. Hala ere, Urkulluren gobernuak beste murrizketa batzuk bultzatu dituela salatu du Uriak. Batez ere, "kontratazio politiketan". Murrizketa horiek eragin zuzena izan dute haren ustez. Ondorioz, Osakidetzan "sekula ikusi gabe geunden egoerak" ematen ari dira gaur egun. Esaterako, larrialdi zerbitzuetan "jendea esku-oheetan zain, korridoreetan pilatuta" ikus daitekeela gaitzetsi du. Sindikatuek diote Osakidetzako itxaron zerrendak luzatu egin direla, ospitaleetan ohe gutxiago daudela zabalik eta profesionalen lan zama gehiegizkoa dela gaixoak egoki artatzeko Bestelakoa da Osakidetzaren iritzia. Jose Maria Armentia giza baliabidetako arduradunak ez du uste zerbitzuaren kalitateak okerrera egin duenik. Aldiz, defendatu du Osakidetzako datuek "hobekuntza" adierazten dutela "zerrenden kudeaketan eta eman den erantzunean". Helburua "gutxiagorekin gehiago egitea" da, Armentiaren esanetan. Zerbitzuaren kalitatea ezbaian Gutxiagorekin lanean ari direla, horixe da hain justu, langileen ordezkarien ustez zerbitzu ona eskaini ahal izateko oztopo nagusietako bat. 2013an funtzio publikoko langileei lanaldia luzatzea erabaki zuen Jaurlaritzak, urteko 1.592 ordutik 1.614,5era. Osakidetzak Deloitte aholkularitza enpresari eskatutako txostenaren arabera, 2012tik 2013ra 1.500 lanpostu desagertu ziren lanaldia luzatzearen eraginez. Jaurlaritzak aurreko lanaldira itzultzeko erabakia hartu du 2016rako, baina Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu du neurriaren aurka eta momentuz ezingo da indarrean sartu. Horrez gain, bada lanpostuak suntsitzen dituen beste faktore garrantzitsu bat, sindikatuen esanetan: behar baino ordezkapen gutxiago egiten ditu Osakidetzak. LAB sindikatuko Edurne Agirrek azaldu duenez, "mediku askori ez diete ordezkapenik egiten", eta lehen arretarako "erizain laguntzaileak ere geroz eta gutxiago daude". Ondorioz, lankideek hartzen dute falta den langilearen beharra eta "lan zama handiegia izaten da". "Mediku batek baja edo oporrak hartzen baditu, bere kupoa besteen artean banatzen dute, eta denbora laburragoan ikusi behar dituzte gaixoak". ELAko ordezkari Pello Igeregik dioenez, "Osakidetzak ez du ordezkapenetarako irizpide argirik eta tokiaren arabera, denbora luzeagoa igarotzen du ordezkapenik egin gabe". Orokorrean, "beste erremediorik ez dagoenean" egiten ditu ordezkapenak. "Adibidez, kontsulta batean mediku bakarra baldin badago, mediku hori ordeztea beste aukerarik ez dute. Baina beste batzuetan, bi medikuren artean hartzen dute falta denaren lan karga". Gehiegizko lan kargak Osakidetzaren zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duela salatzen dute sindikatuek. Egin dituzten kalkuluen arabera, ordezkapen faltak eta lanaldia luzatzeak 3.000 lanpostu suntsitu ditu Osakidetzan. Aldiz, Jose Maria Armentiak 2013an kontratazioa jaitsi egin zela aitortu arren, azpimarratu du azken bi urteetan 2012an Juan Luis Uria, Osalde: "Murrizketen eraginez sekula ikusi gabeko egoerak ematen ari dira Osakidetzan. Larrialdietan jendea esku-oheetan zain egotea, korridoreetan pilatuta" baino "kontratazio gehiago" egin direla. Osakidetzako giza baliabideetako arduradunak ez du uste lan zamak zerbitzuaren kalitatean eragin duenik. "[Langileei] ahalegin handiagoa eskatu diegu azken urteotan eta erantzuna oso ona izan da". Hain zuzen, Osakidetzak nabarmendu du ebakuntza baterako itxaron zerrenda 50 egunekoa dela batez beste, argitaratu duen azken Jarduera Balantze txosteneko datuen arabera. Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak garrantzia eman dio itxaron zerrenda epe horretan mantentzeari, 2014tik 2015era "ebakuntzen jarduera [%4] handitu arren". Nola neurtu behar da itxaronaldiaren iraupena? Osakidetzaren datuak ez datoz bat errealitatearekin sindikatuen ustez, eta "gardentasun falta" salatu dute, osasun publikoaren zerbitzu eta kudeaketari lotutako adierazleetan. Itxaron zerrenden egoera Osakidetzak dioena baino okerragotzat dute. Zerrendak neurtzeko moduak egiazko itxaronaldiak desitxuratzen dituela diote. Izan ere, itxaron zerrenden iraupena ez da lehen mediku kontsultatik zenbatzen hasten. Zerrendak neurtzen duen epea mediku espezialistarekin hitzordua izan eta proba klinikoa edo ebakuntza egin artekoa da. Beraz, datuetatik kanpo uzten da familia medikuarekin kontsulta egin eta mediku espezialistarengana iritsi arteko denbora. ELAko Pello Igeregik salatu duenez, zenbatzen ez den tartea "lauzpabost hilabetekoa izaten da kasu askotan". Osaldeko presidente Juan Luis Uriaren ustez itxaron zerrendak neurtzeko metodologiak "ez du zentzurik" eta bat dator "zerrendak nabarmen handitu" direlako ustearekin. Zenbait arlotan, traumatologian bereziki, zerrendak urtebete ingurukoak izan daitezkeela gaineratu du. Jose Maria Armentia, Osakidetza: "Langileei ahalegin handiagoa eskatu diegu azken urteotan eta erantzuna oso ona izan da. Gutxiagorekin gehiago egitea da helburua. Ez dut uste lan zamak zerbitzuaren kalitatean eragin duenik" Itxaron zerrendak arintzeko, gaixoak ospitale pribatuetara bideratzen direla ere salatu dute langileen ordezkariek. Edurne Agirre LABeko kideak adierazi du zerrendak "apropos" luzatzen direla, ospitale pribatuei mesede egiteko. "Jon Darpon [Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua] IMQtik dator –zuzendaria izan zen enpresaren hiru ospitaletan–. Esan beharrik ez dago; ate birakariek ongi funtzionatzen dute". Agirrek azpimarratu du 2013an 250 milioi euro ordaindu zizkiela Osakidetzak ospitale pribatuei. Nekatutako langileak Baina murrizketen eragina ez da zerrenden iraupenera mugatzen, sindikatuen hitzetan. Langile faltagatik ospitaleetan ohe gutxiago irekitzen direla salatu du Pello Igeregik. "Kasu batzuetan zaindari faltagatik izaten da. Medikuak artatu du gaixoa, ospitaleratzea erabaki du eta ohe bat libre dago baina ez dago zaintzailerik gaixoa ohera eramateko. Horrek ere larrialdi zerbitzua ito dezake". Oporraldi garaietan Osakidetzak oheak itxi izan ditu. 400 ohe inguru itxi zituen iazko Aste Santuan, "baliabideen optimizazioa" dela-eta; 700, berriz, Eguberrietan. Ohiko egunetan ere ohe guztiak ez erabiltzea leporatzen diote sindikatuek Osakidetzari, langile kopuru nahikoa kontratatzeari uko egiten diolako. Jaurlaritzak 35 orduko lanaldira itzultzeko erabakia hartu du 2016rako, baina Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu dio erabakiari eta momentuz ezingo da indarrean sartu Lehen arretak ere jasan du murrizketen eragina Osalderen esanetan. Uriak dioenez, langile askok "nekatuta" jarduten dutela aitortu dute, lan zama handitu dietenez, "gaixo asko artatu behar dituztelako". Dena den, lehen arreta zerbitzua da Osakidetzan "alde handiz, hoberen funtzionatzen duena", Uriaren ustez. Zerbitzu "estrategikoa" deritzo, "batez ere gaixo ahulenak, adinekoak eta gaitz kronikoak dituztenak" zaintzen direlako. Uriarekin bat dator Igeregi eta langileak gaindituta ibiltzen direla azpimarratu du. "Orain gutxi Zumarragako Ospitalean goizeko ordu bietan bukatu zuten gaixoei fardelak aldatzen, langile nahikorik ez zegoelako. Beste ospitale batzuetan odola gauean atera behar izan dute, egunean zehar ez dagoelako denborarik. Horrek erakusten du zenbateko lan zamarekin ari diren lanean". 35 orduko lanaldira itzultzea helburu Jaurlaritzak 35 orduko lanaldira itzultzeko hartu duen erabakiari balioa eman diote alde guztiek eta neurria –Espainiaren helegitea gaindituta– ezartzen bada, 1.500 lanpostu berreskuratu beharko lituzke. Hala ere, sindikatuen ustez, lanaldia lehengora ekartzea ez da nahikoa izango Osakidetzak dituen beharrei erantzuteko. Egoerari aurre egiteko inbertsio gehiago behar dela aldarrikatu dute. ELAk epe motzean 5.000 lanpostu sortzea beharrezkotzat du zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko. LABek 2018. urterako 15.000 lanpostu sortu beharko liratekeela dio. Sindikatuen ustez, lanaldia lehengora itzultzea positiboa izango da, baina ez da nahikoa izango Osakidetzaren beharrei erantzuteko Momentuz, ordea, Osakidetzaren asmoa da hutsik geratzen diren plazak lehiaketara ateratzea. Jose Maria Armentiak azaldu duenez, egoerak ez du gehiagorako ematen. "Jaurlaritzak argi esan zuen defizitaren helburua bete beharra zegoela eta hor muga bat daukagu jarrita. Bestetik, Espainiak berriro ezarri du hutsik geratzen diren plazetarako tasa. Oraingoan %100 da, baina argi utzi behar dugu ezin ditugula bakante guztiak atera. 2016an lehiaketara atera daitezke 2015ean jubilatu zirenen edo izan diren bajen %100, baina ez besterik". Sindikatuak eta Osakidetza osasun sektoreko mahaian bildu dira otsail, martxo eta apirilean, baina negoziaketetan ez da adostasunik izan. Sindikatuen ustez, osasunean gehiago inbertitzea posible da eta hala ez egitea ez da krisiaren ondorioa, "erabaki politikoa" baizik. Pello Igeregik azaldu duenez, aurten Barne Produktu Gordinaren %4,8 bideratuko da osasunera, baina Europar Batasuneko batez bestekoa (%7,3) berdinduko balitz, 1.500 milioi euro gehiago bideratuko lirateke. Osaldek ere ohartarazi du inbertsio handiagoa beharrezkoa dela. "Azkenaldian Jaurlaritzako agintariak ospitaleak eta teknologia garatuko makinak inauguratzen ikusten ditugu baina ez da apenas inbertsiorik egin teknologian" salatu du Uriak. Jaurlaritzari egotzi dio "defizitarengatik kezkatuago" egotea, "pertsonengatik baino".
news
argia-53bc09bec4a0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/rikardo-arregi-diaz-de-heredia-ane-pedruzo-redondo.html
Baietz ba, Gasteizen aurkituko duzula norekin egin euskaraz
Onintza Irureta Azkune
2016-05-01 00:00:00
Baietz ba, Gasteizen aurkituko duzula norekin egin euskaraz Rikardo Arregi Diaz de Herediak gogoan du gasteiztarra eta euskalduna zela esaten zuenean nola galdetzen zioten ea non zituen behiak eta ardiak. Baserritarra behar zuen izan, ezinbestean. Ane Pedruzo Redondok ez du ezagutu ere egin garai hori. Badaki beti ez diotela euskaraz erantzungo, eta batzuetan erantzun txarrak ere jasoko dituela, baina lehen hitza euskaraz egiten tematuta dago. Biek –beste askoren artean–, euskararekin dituzten bizipenak kontatu dituzte ahotsak.eus proiektuak landu duen "Gasteizko euskararen ahotsak" bideo sortan. Ondoko lerroetan elkarrizketetako pasarteak dituzue. Rikardo Arregi Diaz de Heredia (1958), euskara irakaslea, idazlea eta poeta "Arazoak, gehienbat, Gasteiztik kanpo ditut. Gasteizen denda batera sartu eta gehienetan ez zait bururatzen euskaraz hastea, edo behintzat orain arte ez. Egun militantea baduzu egiten duzu, baina normalean ez. Donostiara joaten naizenean, pentsatzen dut jende guztiak euskaraz hitz egingo duela eta makilkada handienak Donostia bezalako hirietan izan ditut. Lekuren batera joan, euskaraz hitz egin, eta erantzutea 'gaztelaniaz', edo erantzun txarra jasotzea. Behin taberna batera sartu nintzen udan, egia da udaz jantzita nengoela, eta tabernakoa ingelesez egiten hasi zitzaidan zuzenean, eta euskaraz erantzun nionean, harrituta gelditu zen. Iruditzen zaizu jende guztiak ulertu behar dizula euskaraz eta gero konturatzen zara ez dela hala. Gasteizen ez litzaidake arraroa egingo, baina Donostia batean edo Zarautz batean deserosoa iruditzen zait. Ez zaizu gertatu gasteiztarra zarela esan, euskalduna zarela esan, eta harridura sortzea? Bai, bai, edo hemengo jendeak pentsatzea ez naizela Gasteizkoa, edo ez naizela arabarra. Nire lehen deitura Arregi denez, 'pentsatzen nuen zu…', Gasteizkoa naiz! Kutxi kalekoa! Nire gurasoak patateroak dira, abizen guztiak dira de Zarate, eta abar eta abar. Jende askok, eta batez ere Gasteiztik kanpo, azterketa botaniko-geologikoa egiten dizu esaten duzunean gasteiztarra eta euskalduna zarela, ea landare arraro hau nongoa den, zure gurasoak, zure amona, zure ez dakit zer…  Normalean horrelakoak ez ditut erantzuten. 'Gasteizkoa zara?' Bai. 'Eta euskalduna?' Bai. 'Eta zure ama…', ez dut erantzuten, gustu txarrekoa iruditzen zait. Galdetuko dizut nik zure ama zer den, zure aita zer den… familiako gauzei buruz? Jende askok, Gasteiztik kanpo, hemen euskararena gauza arraroa dela pentsatzen du eta 20.000 euskaldun egongo dira. Igoal zure herrian baino euskaldun gehiago dago Gasteizen. Jende batekin haserretzen naiz. Egia da jende asko bizi dela, eta hizkuntza nagusia ez dakit zein dela, eta kalean arabiera, urdua edo gaztelania entzuten dela. Jarrera desberdina zen lehen eta orain? Garai batean, adibidez 80ko hamarkadan, euskaraz hitz egitea oso ghettizatuta zegoen, Alde Zaharrean, Kutxi kalean… Orain ere arrasto hori badagoela uste dut. Lehen adibidez, lagun batzuekin hara joaten nintzen, baina ez zitzaidan Kutxi kalea gehiegi gustatzen, euskaraz hitz egitea-eta bai, baina Zapateria kalean edo gauez Pravdan jartzen zuten musika gehiago gustatzen zitzaidan. Hor nabaritzen nuen. Jendeak euskalduna zinela zekienean behiak edo ardiak zure atzetik etorriko zirela pentsatzen zuen. Barkatu, baina ni Gasteizkoa naiz. Behiak ikusi ditut, egia da nire gurasoak herrietakoak zirela, baina hemen bizi ziren. Lehen jende askok lotzen zituen euskara eta ruralitatea. 'Behiak?', eta nik, 'ze behi?'. Euskaraz egiteak ez nau baserritar egiten. Orain, beste aurreiritzi mota batzuk egongo dira, baina hori ez". Ane Pedruzo Redondo (1985), Oihaneder Euskararen Etxean komunikazio arduraduna "Urte pare bat edo hiru daramatzat dendetara eta tabernetara noanean lehenengo hitza euskaraz egiten, saiatzen naiz behintzat. Oso sorpresa politak izaten dituzu. Joan okindegira, lehenengo hitza euskaraz egin, eta konturatu zure atzeko gizonak ere entzun duela eta hark ere euskaraz egin duela. Kristoren poza da. Mikroan, baina eragiten ari zara. 'Ez dizut ulertzen' ere esaten dizute. Ehuneko ehunean euskaraz bizitzea ez da erraza, baina gero eta errazagoa da. Batzuetan ez duzu egin nahi, nekatuta zaudelako, edo haserre, eta ez duzu gogorik horrelako batean sartzeko. Dena dela, poztasunak gehiago ematen ditu atsekabeak baino. Jarrera txarrak ere topatzen dira, baina oso gutxi dira gaur egun. Bestelakoak entzuten ditut: 'Sentitzen dut, gustatuko litzaidake' edo 'Nik ezin izan nuen ikasi', edo 'Ze ondo, zuek egiten duzue!'. Horrelako jarrera asko daude. Poza ematen du eta horrelako elkarrizketa bat izan dezakezu: 'Agian orain ez, baina poliki-poliki, ez kezkatu, etorriko da unea', 'Ez, orain helduegia naiz', 'Inoiz ez da berandu'. Agian, ez doa inora, baina polita da ikustea jendeak horrela pentsatzen duela. Horregatik esaten dut potentzialitatea dagoela, horrelako jarrerak daudelako. Zaila da, baina ez ezinezkoa, eta gero eta errazagoa izango da. Erantzun txarraren beldurrez, ez dugu egiten askotan. Ez badugu egiten, ez dugu jakingo erantzun txarra edo ona jasoko dugun, ez dugu identifikatuko hor egon zitekeen euskaldun berria. Orduan, egin behar da! Ez dut esaten sheriff-aren plakarekin joan behar dugunik. Duela gutxi gertatu zait. Lagun batekin nindoan eta kalean emakume bati zerbait galdetu behar genion. Gaztelaniaz egin genion, itxuragatik. Aurreiritzi absurdua izan zen, eta gainera gaia landuta daukagu, TELP tailerra egina... eta emakume hura euskalduna zen! Lezioa eman zigun hark. Inori ez zaio gustatzen erantzun txarra jasotzea, eta zer egun duzun eta nola zauden, agian ez da gehien behar duzuna momentu horretan, baina ondo pentsatuta... arazoa ez da zurea, berea da. Ez daki hemen ofiziala den hizkuntza, mundua ikusteko beste modu bat galtzen ari da, nirekin enpatizatzeko aukera galdu du, eta ez naiz hasiko eztabaidan, ez dudalako uste maila berean eztabaidatzeko moduan gaudenik.   Lehengoan tabernan laranja zukua eskatu nuen eta tabernariak: 'Zer?' eta nik  'la-ran-ja-zu-ku bat, la-ran-ja-zu-mo', eta berak: 'Nahi baduzu txineraz egingo dizut!'. Berotzen hasi eta esaten diozu, 'baina hemen ez da txineraz hitz egiten, eta euskaraz bai, eta esan dizut la-ran-ja ( naranja gaztelaniaz), barkatu baina hori ulertzen da. Eta badakizu zer? Ez zaidazu ezer atera, ez da ezer gertatzen, eskerrik asko, agur'. Ondoko tabernara joango naiz, zenbat taberna daude Gasteizen?. Egun ona duzunean horrela ari zaitezke. Uste dut merezi duela".
news
argia-13f760ddba79
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/gorentasunaren-katarsia.html
Gorentasunaren katarsia
Jakoba Errekondo
2016-05-01 00:00:00
Gorentasunaren katarsia Urteak dira lagun baten aitak karrazkilloa aipatu zidala, Rhamnus alaternus . Ez nuela ezagutzen, eta berak: "Motel, motel, ezagutuko ez dek ba! Basoan ugaria dek oso; zumalikarra baino hostaje itxiagoa eta sarriagoa dik, hosto txiki gogorrak, neguan erortzen ez direnak".Eta ni ezin jabetu. Karrazkiloaren aurrean "hau karrazkilloa dek" inork esan gabea ni. Nik behintzat honela ikasi izan dut, landarea muturraren aurrean dudanean; horrela ikasitakoak ez zaizkit berehalakoan ahazten. Eta kosta zitzaidan karrazkilloa kaskezurrean sartzea; ez baita hain ugaria, eta bakoitzak bere karrazkilloa du. Gure herrian oso gaitz zabaldua da; landare batek izen ugari izan ditzakeen era berean, izen batek landare asko ditu. Hau da, eromena. Eta zerbait argitze aldera hitzen eta izenen dantzan hasten bazara, kontuz, "Iratiko Boli Dorreko Gorentasun" ugari dago. Ekin diezaiogun ba dantzari. Nire ustez, karrazkilloa Rhamnus alaternus da. Gazteleraz, " aladierno " dute izen nagusitzat, baina " carrasquilla " eta " chaparro " ere deitzen diote. Gure txaparrotik dator, nonbait, beraiena; Españolaren Erret Akademiak hala dio, behintzat. Gure karrazkilloa espainolezko "carrasquilla"-tik etorriko da, noski. Beraz, hizkuntzalarien basoan sartzen gara, buradar eta belarri. Karrazkilloari "txorbeltxa" ere deitzen zaio. Oro har, horiek dira erabiltzen diren izenak. Zenbait lanetan, izen hauek ere jaso dira beretzat: burrubiotea, murrubiotea, girgirioa, burgia, zumela, zumelika, zemerika, zumalikarra, zumalakarra eta zinurria. Nik aurkitu ez dudan besteren bat ere izango du... Saltsa eta dantza izugarri dago. Karrazkilloa, gurbitza ( Arbutus unedo ), zumalikarra ( Rhamnus frangula ) eta zenbaitek zuandorra ( Cornus sanguinea ) ere nahasten dituzte. Landareak ez, beraien izenak baizik; horra saltsarako musika. Badaezpada, karrazkilloaren urak odola mehetzen du. Fruituak beherakoa eragiten du, dosiaren arabera beldurgarria, agidanean: Font i Quer botanikari katalanak zioen eran, "inoiz ez du huts egiten". Kontuz, beraz, bere izenaren bila, Gorentasunen bat abiatu eta dastatzea bururatzen bazaio... Hitzen katarsia, gorputzean katartikoa.
news
argia-102a5d26ca1a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/lacq-kea-136-heriotza-eta-agintariek-gordetako-ikerlan-epidemiologikoa.html
Lacq: kea, 136 heriotza eta agintariek gordetako ikerlan epidemiologikoa
Pello Zubiria Kamino
2016-05-01 00:00:00
Lacq: kea, 136 heriotza eta agintariek gordetako ikerlan epidemiologikoa Mende erdiz, Biarnoko Lacqeko biztanleak kutsatu dituzte gas hobiak ustiatzean. Bailaran 1968tik 1998ra artean heriotza tasa %14 handitu zela demostratu zuen Bordeleko unibertsitateak, baina agintariek txostena ezkutatu eta ez diote jarraipenik eman ikerketa epidemiologikoari. SEPANSO elkarte ekologistak salatu berri du eta gordetako agiriak interneten jarri. Lacq esanda euskalduna oroitzen da Pirinio frantsesean eskiatzera doalarik, edo Lourdeseko Andra Mariarengana erromes, Paue aurretik autopistatik ikusten diren gas tximiniez. Orain gehienak itzalita dauden arren, duela urte gutxi estanpa berezia egiten zuten sua dariela, Biarnoko artasoro eta behiz betetako larreen artean, Zuberoatik 20 kilometrora. 1951n aurkiturik, lurpean datzan gasa 1959an hasi ziren ustiatzen orduko zalaparta mediatiko handiarekin, 1965etik aurrera gas-hodietan zabaltzeko Frantziako hirietako etxeetaraino. Inbertsioak ekarri zituen gasak Biarnora, dirua usainak berotu zuen makal zebilen Paueko ekonomia. Hogeita bost urte iraungo zuen zoramenak, 1987rako produkzioa motelduta –orduan inork ez zuen aipatzen erregaien peak edo gailurrik– Parisko gobernuak inguruko industriaren birmoldaketa antolatu behar izan zuen.  2013an amaitu zen azken gas hodiaren produkzioa. Orain Total multinazionalak dio bertan esperimentatzen dutela klima hondatzen duen gehiegizko CO2a metatzea gas hobi agortuetan. Hasieratik Lacqeko urre kirastunak ere bazuen ipurdian zuloa: %16 hidrogeno sulfuro (azido sulfidriko) eta %12 CO2. Hain gas korrosiboa ezin zenez etxeetan erabili, Totalek teknologia oso bat antolatu zuen metildietanolamina erabiliz egunean milioi bat tonari sufrea erauzteko. Baina edozein arriskuk zirudien pazientziaz eramateko modukoa, Biarno XX. mende amaierako Eldorado berria bihurtu behar zuenez. 1960an Paris-Match astekariak erreportajea eskaini zion Lacqeko mirariari, Maurice Jarnouxen argazkietan erakutsiz –internetez ikus daitezke– herriko agintariak eskolako haurrei banatzenmaskarak , herritar guztiak etxean bezala kalean edo ostatuan beti aldean daramatzatela… Gasa fintzeko teknikak puntuan jarri bitartean, edozein unetan egin baitzezakeen ihes %16an sufrea zeraman lurrin hilgarriak. Baina munduak Paris-Match en erreportaje txokantea hurrengo asterako ahaztua zuen. Urte luzez egunean 700 tona sufre isuri zuten Elf eta Totalen birfindegiek. Eta 2002an, Bordeleko medikuntza fakultateko ISPED Osasun Publikorako Epidemiologia eta Garapen Institutuak ikertu zituenean 1968tik 1998ra arte isuriok herritarrei eragindako kalteak, aurkitu zuen 31 urtetan Lacq eskualdeari zegokiona baino 136 pertsona gehiago hil zirela. 60.000 lagun inguru biltzen duen Lacq eskualdea ikertu zen hiru zirkulu kontzentrikotan banatuta , bakoitza 22.000 biztanlekoa. Emaitzetan ikusi zenez, zenbat eta kutsaduraren iturritik hurbilago orduan eta gehiago ugaritzen ziren heriotzak. Gainera, denborak larriagotzen zuen arazoa: lehen hamarkadan arnasbideetako kantzerrak %34 ugaritu ziren baina 1990etik aurrera heriotzen kopurua %56 handitu. Kantzerren kasuan, gas industriaren gertueneko zonan 31 urtetan heriotzak pasatu ziren beste zonaldeetakoak baino gutxiago izatetik %30-%40 ugariagoak izatera. Nola ez zuen horrek eskandalurik eragin? SEPANSOko Michel Rodesek idatzi duenez, Gobernuak bezala lekuko hautetsiek nahiago izan zuten afera isiltasunean lurperatu, ondorioak larriegiak zirelako iritzi publikoaren aurrean. Baina 13 urte beranduago, 2015ean, Frantziako Kontu Auzitegiak bere txosten batean bildu du 2002an Bordeleko unibertsitateak esana: 136 heriotza gehiegizko gertatu zirela 65 urtez azpiko jendeen artean, heriotz tasa %14 handituz. Eta ekologistek gaiaren inguruko omertá giroa hautsi nahi izan dute bi agiriok interneten plazaratuz. Ez ikertu, jendea ez asaldatzearren Kontua da ikerlanari agintariek informazioa herritarren begietatik ezkutatzeaz gain osasun arriskuaren ikerketari jarraipenik ez diotela eman 1998tik aurrera. Aldiz, Frantziako Estatuak eta industriak BURGEAP konpainiari –besteren artean zentral nuklearrak desmuntatzen berezitua– enkargatu diote aztertzea zer arrisku daukaten herritarren osasunean Lacqen isuritako 140 edo gehiago kutsagarrien arteko bostek. Gaur Lacqeko lurpeko gas gehienak ahiturik, airera ez dira jaurtitzen garai zaharretan bezala urtero 800 tona sufre eta 900 tona fluor. Baina eskualdean lanean darraite SEVESO katalogatutako 23 enpresa handik eta denetara badira 210 kutsadura iturri baino gehiago.  ISPEDek ikerlana entregatuz geroztik kutsagai batzuk asko ugaritu dira: konposatu organiko lurrunkorrak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta abar luzea. Ikertzen jarraitzea proposatzen zuen 2002an Bordeleko unibertsitateak. Aldiz, Biarnoko ARS Eskualdeko Osasun Erakundeak –haien Osakidetza-Osasunbideak– adierazi zuen: "Ikerketa epidemiologikorik egitea baztertu egin da, gizartearen eskaririk ez dagoelako, erabilgarritasuna garbi ez dagoelako eta garestia delako" . ARSeko goi funtzionarioaren beste argudio bat: "Horrelako azterketa bat abiatzeak bake soziala urratzeko arriskua pizten du". Eta perla ilun hau: "Gogorarazi behar da Lacq inguruan nahiko jende gutxi bizi dela". Herritarren biziak industriari sakrifikatzeko formula lotsagarriagorik... SEPANSOk frogak internetez zabaldu arren, ez Parisko gobernuak eta ez Biarnoko hautetsiek ukitu nahi izan dute pozoinketaren afera. Bostek bakarrik sinatu dute idatzi bat eskatuz gobernuari ikerketa epidemiologikoari segida emateko, Laa Mondrans, Artix, Lasseube eta Billère herrietako zinegotzi banak eta David Grosclaude kontseilari erregionalak, bai, Okzitaniako hizkuntzarentzako gutxienezko laguntzak lortzearren gose greba egin zuen Grosclaude hura bera. 2016ko martxoaren 6an Paueko La Republique des Pyrenees egunkariak zabaldu du: "Kiratsa Lacq bailaran: auzotarrak berriro eztulka dabiltza". Eta aurreraxeago: "Herritarrak kexu dira usain oso bortitz horiek osasunean dauzkan eraginez: buruko minak, goragaleak, azaleko eta begietako erresuminak, arnasketa arazoak…". Egunkariaren informazio berean Induslacq konpainiak herritarrei jakinarazten die egun batzuetan luzatuko dela beren tortura, "BP4/3 tximinian" su lama ikusiko dutela gau eta egun, galdara bat garbitzearren gasak isuri beharra dagoelako. Jende ahulentzako kalte. SEPANSOk salatzen du: "Administrazioaren, hautetsien eta industriaren arteko konplizitatea dago auzitan. Orain artean ez dute egin hau besterik: denek batean kantatu 'arrisku industrialaren kultura' daukagula eta urtetik urtera batak besteari pasatu Lacqeko gasaren dossier beroa". Baina goi funtzionario hark esan bezala, zertarako ikertu, egia jakiteak bake soziala urratu lezake eta.
news
argia-612a9d25bdb2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/herri-zapalduen-hizkuntza-gutxituen-kantua.html
Herri zapalduen, hizkuntza gutxituen kantua
Dabi Piedra
2016-05-01 00:00:00
Herri zapalduen, hizkuntza gutxituen kantua Europa bat-batean egitasmoaren baitan, Euskal Herrian izan dira Kurdistango, Sardiniako eta Kataluniako inprobisatzaileak, bertsolariekin batera abesten. Itzultzaileen laguntzari esker, lau tradiziok, lau hizkuntzak bat egin dute oholtzan. Besterenetik gozatzeko eta gehiago ezagutzeko aukera eman digu Nazioarteko Topaketak, eta ezin horri uko egin: Bilbon lehen emanaldia eman ostean batu gara, banan bana, hiru hizkuntza gutxituetako inprobisatzaileekin. SARDINIAKO CANTADORI-AK Paola Dentoni: "Gure kantuaren eta sardinieraren biziraupena lotuta daude" Sardiniatik etorritako Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriek Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileekin batera eta launeddas musika-tresnaren erritmoan abestu dute Euskal Herrian. Sardinieraren gotorlekuetako bat da Poesia a bolu' delakoa, uhartearen berezko kulturaren erakusgarri. Zer aldaera daude zuen uhartean? Sardinian bertan ohitura bat baino gehiago dago. Lau aldaera bereizten dira eta guk egiten duguna uhartearen hegoaldean baino ez duzu entzungo. Mutettu izena ematen zaio. Inprobisatzaileen jardunari lagunduz, bigarren ahotsak aritzen dira, soinu grabedun basciu eta contra abeslariak. Zein da haien funtzioa? Inprobisatzaileak botatzen dituen bertsoen arteko lotura egiteko balio dute basciu eta contra ahotsek. Mutettu longo izeneko modalitatean are garrantzitsuagoak dira, bertsoaldi luzeak izaten direlako eta bigarren ahotsek atalka banatzen dute kontakizuna. Cantadorien lehiaketa eta topaketak egiten dira, ezta? Bai, batez ere herrietako jaietan antolatzen dira. Lehen baino gutxiago egiten dira, baina mantentzen direnak indartsu daude, telebistan ere ematen dituzte. Lehiaketetan gehien baloratzen dena, gure kantuaren metafora ondo adieraztea da. Ezarritako gaia edo argumentua metaforen bidez azaltzea da gakoa. Argumentua euskal bertsolarien ofizioen gisakoa izaten da. Hori guztia metrikari eta errimari eutsita. Gaur egun, cantadorien ohitura belaunaldiz belaunaldi transmititzen da? Zoritxarrez, atzera egiten ari da. Oso gazte gutxi hasten dira honetan. Zurekin etorri den beste cantadoria, Simone Monni, gazte-gaztea da, bada. Bai, dauden gazte gutxi horietatik bat etortzea nahi izan dugu. Gainera, Simoneren kasua oso adierazgarria da, itxaropena ematen digu. Bere etxean italieraz baino ez zuten egiten, baina aitak eta anaiak inprobisatzaileak atsegin zituzten eta Simonek ikasi egin nahi izan zuen. Hala, pixkanaka, interesa hartzen hasi ziren eta, bide batez, sardiniera ere haien etxera itzuli da. Cantadorien eta sardinieraren patua elkarri lotuta daudela uste duzu? Bai, dudarik gabe, gure kantuaren eta sardinieraren biziraupena lotuta daude. Cantadoriak sortzeko, etxean sardinieraz hitz egiten duen jendea behar da. Sardinieraz hitz egiteko ohitura galtzen ari da, batez ere Casteddu, Tàttari eta herri handietan. Sardiniera galduz gero, cantadorien oinarri nagusia galduko da. KURDISTANGO DENGBÉJ-AK Zinar Ala: "Bat-bateko jardunak salbatu du kurduen historia" Kurdistanen oso errotuta dago dengbêj inprobisatzaileen ohitura. Poetikotasun handiko bertsoak osatzen dituzte, Alemanian bizi den Zinar Ala dengbêjak gurean erakutsi duenez. Ahoz ahoko transmisioan oinarritutako kultura dutenez, kurduen nortasunari eusteko ezinbesteko tresna dira inprobisatzaileak. Zer giro edo egoeratan inprobisatzen duzue Kurdistanen? Batez ere, gauetako ospakizunetan elkartzen dira inprobisatzaileak, musikaz, ardoaz eta bertsoez gozatzeko. Dengbêj bat historiak kontatzen hasten da normalean. Ondoren, beste batek historiari jarraipena ematen dio. Gazteek ere tradizioari eusten diote. Ezkontzetan ere ohikoak dira dengbêjak. Ezkongaien bertuteez edo familiaren poztasunaz abesten dute. Senargaiaren eta emaztegaiaren aldekoak egoten dira eta lehia moduko bat ere sortzen da. Bestetik, galsoroetan lanean ari direnen artean ohitura da inprobisatzea. Langile batek estrofa batzuk botatzen ditu eta, lurra lantzeari utzi gabe, besteek erantzuna pentsatzen dute. Kurduen historiaren gordailu ere bazarete. Esan liteke bat-bateko jardun horrek kurduen historia salbatu duela. Izan ere, gure historiaz gutxi idatzi da, ahozko kultura da gurea. Dengbêjek pasatu dute gure jakintza belaunaldiz belaunaldi. Esaerak, antzinako historiak eta abar batzen dira hor eta ederra da estrofetan nola uztartzen diren errimak eta herriaren jakintza. Inprobisatzaileen ohiturari eusteko plangintzarik baduzue? Kurduen inprobisazioa indarberritu nahi dugu, baina horretarako erakundeen laguntza beharrezkoa da. Amed-eko Udalak (Turkiaren menpeko Kurdistan), adibidez, Kantarien Etxea izeneko egoitza finantzatzen du hiriaren alde zaharrean: Inprobisatzaile zaharrak hartzen dituzte han eta errentatxo bat ematen diete, erretiro-pentsiorik ia ez baitago gure herrialdean. Halako guneek asko lagunduko dute dengbêjen ohiturak zabaltzen. Baina, udalez aparte, beste erakundeek ez dute laguntzen, Turkiako Estatuak ez du ezer jakin nahi. KATALUNIAKO GLOSADOREAK "Elkar ezagutzeko uneak behar dira, baina bi tradizioen arteko fusiorik gabe" Herrialde Katalanak oso aberatsak dira inprobisazio moldeetan, uharte eta eskualde gehienek beren aldaera baitute. Gure galderei erantzun dieten Christian Simeliok eta Anaís Falcók corrandisten tradizioa ekarri dute Bilboko eta Hernaniko saioetara, Gerard Diezen soinu txikia lagun. Donostiako eta Iruñeko saioetan, aldiz, Ferriol Macip eta Mireia Mena glosadoreak aritu dira. Erreportajeko argazkia Donostiako saio ostean ateratakoa denez, Macip eta Mena dira bertan ageri direnak. Herrialde Katalanetan dauden inprobisazioen artean, zein da zuena? ANAÍS FALCÓ: Bat-batekoak tradizio sendoena Menorca uhartean du, hiru abeslari eta gitarra-jole batekin inprobisatzen dute. Mallorcan, aldiz, nolabaiteko berpizkundea izan da, horiek musika-tresnarik gabe abesten dute. Herrialde Valentziarrean, verseadoreak pentsatzen duen bertsoa kantatzeaz arduratzen da cantadorea. Iparralderago, Ebroko lurretan, joteroaren ohitura dago, jaietan eta ezkontzetan inprobisatu ohi duen gizona, baina orain emakumeak ere badaude. Azkenik, corrandistak daude, hori da guk egiten duguna. Catalunya Vella delakoan du jatorria, Llobregat ibaitik iparraldera dauden eskualdeetan, alegia. Tradiziozko corrandistek bat-bateko nahiz jarritako kantak abesten zituzten, are gehiago, benetan inprobisatzen zutenik ezin dugu ziurtatu, ez delako horren berri zuzenik jaso. Corrandisten ohitura biziberritu egin da eta orain maiz inprobisatzen dugu. Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean bada lotura berezi bat, politikan nahiz kulturan. Inprobisatzaileen arloan ere hartu-eman estuagoa aberasgarria litzateke? CHRISTIAN SIMELIO: Zapalkuntzak batu gaitu eta aprobetxa dezagun hori gauzak elkarrekin egiteko. Euskal Herria inprobisazioaren katedrala da, honelako topaketa gehiago behar dira. Halere, horrek ez du esan nahi Katalunian Euskal Herrikoa zehatz-mehatz kopiatu behar dugunik. Guk badauzkagu gure melodiak, gure estiloa. Elkar ezagutzeko uneak behar dira, baina bi tradizioen arteko fusiorik gabe. Txapelketarik antolatzen duzue Katalunian? A.F.: Sariketa herrikoiak badira, baina ez daukate hemengoen oihartzunik. Sabadelleko jaietakoa da handiena, inoiz jendaurrean abestu ez dutenak ere igotzen dira oholtzara, jai giroan. C.S.: Askotan, Euskal Herrikoa kopiatuta sortu nahi dugu lehia. Baina, egia esan, corrandistak ez dauka erronkarako joera hori. Ez dakit zer neurritaraino komeni zaigun Euskal Herriko eredua hartzea, guk badugu geure estiloa. Honen inguruan iritzi asko daude, dena dela. Umeekin lan egiten duzue tradizioari eusteko? A.F.: Eskoletan tailerrak egiten dira, baina ez horrenbeste corrandista onak sortzeko, hizkuntza eta gaitasun pertsonalak garatzen laguntzeko baizik. Gure inprobisazioa sorkuntza handiago baten zati da: kantua, dantza eta musika dagoen ekitaldi batean, inprobisatu ere egiten da. Inprobisazioa propio lantzeko saiakerak egiten dira, seguruenez Euskal Herriko eredua hartuta, baina zaila da gainerako elementuetatik bereiztea. C.S.: Albert Casalsek tesia egin zuen, Corrandascola izenekoa. Inprobisazioa eskolan ikasteko programa bat proposatzen du, bide batez katalana lantzeko balio duena. Corrandascolari esker katalan edo musika irakasle batzuek inprobisazioa ikasgelarako tresna interesgarritzat ikusten dute. Guri ere deitzen digute batzuetan, eskoletan tailerrak eta erakustaldiak egiteko. A.F.: Umeek badakite zer den corrandista bat, baina zaila da hortik gorako interesa sortzea, ez dagoelako eredurik. Jende gutxi ari gara honetan. Ez dago erreferente indartsurik, Euskal Herrian goi mailako bertsolariak izan daitezkeen bezala.
news
argia-22af03365f9c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/fernando-mikelarena.html
"Nafarroan Gerra Zibilean jazotakoa isildu izana gizarteari zor zaio"
Koldo Azkune
2016-05-01 00:00:00
"Nafarroan Gerra Zibilean jazotakoa isildu izana gizarteari zor zaio" Nafarroako agintariek azkar eman zioten sostengua 1936ko uztailaren 18an Franco diktadoreak Afrikan hasitako altxamenduari, eta horretan oinarrituta faxistek "Nafarroa lehena" izan zela azpimarratu dute. Fernando Mikelarena (Bera, 1962) historialaria ere bat dator, baina guztiz muturrekoa den beste interpretazio batekin: lehena izan zen, bai, arerio politikoen hilketak zenbatuz gero. Fronte Popularrari bozka eman zioten herritarren kopurua eta karlista eta falangistek gerora hil zituztenena alderatzen baditugu, Nafarroak Estatuko portzentajerik altuena du, non eta gerra fronterik gabeko lurraldean: alderdi horretako 1.000 boto-emailetik ia 100 exekutatu zituzten. Fernando Mikelarena ikertzaile beratarrak "gupidarik gabeko" errepresio hori ikertu du Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsabilidades, colaboradores y ejecutores (Gupidarik gabe. Garbiketa politikoa Nafarroan, 1936. Ardurak, kolaboratzaileak eta exekutatzaileak) liburuan. Nafarroako laborategian landutako garbiketa politikoa frankistek iparraldeko frontera hedatuko zuten ostera. Nola lortu ahal izan duzu informazio hori guztia? Jabetu nintzen baliogarria izan zitekeen informazio zuzen gehiena garbiturik zegoela, edota deuseztatuta. Falange eta Gobernu Zibilaren dokumentazioa desagerrarazi zuten, eta Karlisten Gerra Junta Zentralarena zentsuratua zegoen. Orduan, pentsatu nuen ikerketa sakonago baten bidez zuzenak ez ziren bestelako informazioak lor nitzakeela. Soldadu batzuen fitxetan, kasu, atzeguardian burututako aktibitateen berri ematen zutela ikusi nuen. Orduko amorru eta grinak bultzatuta, ez ziren batere moztu gerran egindakoez hitz egiterakoan. Beste batzuk askoz zuhurragoak izan ziren eta ez zuten ezer kontatu. Errepresiogileen irudian zentratu zara. Zergatik? Gai honetara gerturatu diren bakanak tontorrean zeuden agintariak, milizietako arduradunak edo heriotza-eskuadroietako kideen irudiak jorratzera mugatu dira. Baina ez dugu ahaztu behar herritar anonimoen partaidetza guztiz erabakigarria izan zela. Herriko agintariek errepresioari uko egin zioten herrietan, adibidez, ez zen ezer gertatu. Botere publikoak errepresioari ateak ireki zizkion herrietan suertatu ziren hilketak. Berbintzanako Txato , Benito Santesteban edo Galo Egues aipatzen ditugu 36ko errepresioaren ordezkari bezala. Baina nolakoa izan zen herritar arrunten partaidetza? Badago Poloniako herrixka bati buruzko liburu interesgarria, Jan T. Gross idazlearena, Neighbors, Bigarren Mundu Gerran girotua. Jedwabne izeneko herri batean erdiak poloniarrak ziren eta beste erdiak judutarrak. Bada poloniarrek judutarrak sarraskitu zituzten. Autoreak liburuan egia ofiziala biluztu zuen: judutarrak akabatu zituztenak ez zirela naziak edo Gestapoko kideak izan, hango herritarrak baizik. Leku askotan gizarte zibilak errepresioarekin izan duen kolaborazioa ikertu dute. Gurean ez. Dokumentazioaren desagerpena eliteen agindu bati esker etorriko zen ziurrenera, baina Nafarroan Gerra Zibilean jazotakoa isildu izana gizarteari zor zaio, zalantzarik gabe. Karlisten parte-hartzeaz, adibidez, isiltasun-ituna egon da nafarragoak direlako, katolikoagoak... Eta nork estali nahi izan du gaia? 60-70 hamarkadetan biztanle asko herritik hirira joan ziren, nekazaritzatik fabriketako langile izatera pasatuz, eta eskuin tradizionalistako familietan hazitako askok ezkerreko ideiak edo euskal abertzaletasuna besarkatu zuten. Hortaz, gai horrek ezerosotasun ugari planteatzen ditu. Azken batean 3.000 hildakoz ari gara, Nafarroak bere historian bizi izan duen tragediarik handienaz. 1936 baino lehen, hain zatitua al zegoen Nafarroako gizartea? Modu analitiko-objektibo batetik ezetz esango nizuke. Egia da herri batzuetan liskarrak izan zirela, baina orduko zatiketak ezin du ostera etorriko zena berez esplikatu. Bat-batean bizimodu zibilizatuaren oinarriak hautsi ziren, hori da gertatu zena. Elementu oso eraginkorrak erabili zituzten jendea mugiarazi eta polarizatzeko, erlijioa adibidez. Maiz esaten didate herrietan sinetsita zeudela arerioek adarrak eta buztana zituztela. Badut liburu bat oso gustuko dudana, Joseba Zulaikarena, Itziarko ETAren indarkeria aztertzen duena. Zulaikari leporatu zioten jatorri politikoko indarkeria elementu antropologikoz mozorrotzen ahalegintzea. Baina nola liteke aparteko gatazkarik gabeko gizarte batean, zenbait mezu eta diskurtso tarteko, herritar batzuk gisa horretako basakeriak egiteko gai izatea? Orduan gertatu zirenak munduko beste gertaera odoltsu batzuk ekartzen dizkigute burura. Gutako gehienak oso inozoak garela iruditzen zait indarkeriak jendearen jarrerengan duen eragina neurtzerakoan. Saltoa ematen dutenek arras ongi ezagutzen dituzte helburu politikoko indarkeriarekin lor daitezkeen etekinak. Eta gu ez gara batere kritikoak. Herrialde ezberdinetan eman diren horrelako gertaerei erreparatuz gero, muga bat gurutzatzean ondorioak oso lazgarriak izan daitezkeela ikusiko genuke. Nafarroan indarkeriak zer ondorio politiko ekarri zuen? Orduan gertatu zenak sektore zehatz batzuei berrogei urtez boterean mantentzea ahalbidetu zien. Falangek 36ko hauteskundeetan 40.000 boto eskas izan zituen Estatuan, boto guztien %0,1. Karlista eta falangistek ezin zuten boterea bide demokratikoen bitartez eskuratu. Deigarriena ez da indarkeria horrekin boterea lortu zutela, 40 urtez hor mantendu zirela baizik.
news
argia-5b78591df6c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/panamatik-lesbosera.html
Panamatik Lesbosera
Eric Dicharry
2016-05-01 00:00:00
Panamatik Lesbosera Panama itogarritik Lesbos itogarrira begiratzen ez dudan telebistaren uhinak nire burmuineraino ailegatzen dira. Parisen zutik irauten duten gauek Mai 68 berriaren sorreran gaudenez galdetuz, ateratzen naute ohetik. Berri metaketaren pean denbora geldiarazten dut. Garrantzitsuak diren galderak deslurperatzen ditut. Morala garunen ahulezia dela zioen poetak. Euskal Herriratzen naiz eta diskurtsoen barkamen kontzeptuaren atzean errudun hitza deskubritzen dut Subjektibitatearen boterea berriz eskuratzeko nora jo. Subjektu modernoaren heriotzaren historiara. Hutsaren jomugaraino. XX. mendeaz geroztik aurrera. Subjektibitateari buruz hitz egiten duten liburuen itopenetik kanpora. Ezinegonera. Gogomena menditik itsasora, mediasfera ren argazkietan biluzik agertzen diren gorputzetara. Ingurune konkretutik burmuin abstrakziora. Zehaztu gabeko arrapostuetara. Erabateko zalantzara. Subjektu desagerpenera. Emakumezkoen subjektibitatera. Pentsamendu ezezagunera. Mentalizazio itxaropentsu batera. Indibiduoak jasaten dutenera. Desintegraziora. Desujektibaziora. Psikoanalisira. Mekanismo literariora. Eguneroko sorkuntzara. Ekintzara. Gertakizunera. Egiak zulatzen duenera. Utopiako orokortasunera. Orainaldira. Hizkuntzarekiko maitasunera. Eduki poetikoarekikora Eraikitzen dugun bizi esperientziara. Hizkuntza berreskuratzera. Barne-barnetiko egiaztatzera. Elkar ezagutzera. Aukera baten emaitzara. Munduarekiko ikusmirara. Egiaren behartzera. Zentzu ezera. Garbiak ez diren sentimenduetara. Subjektu berri-berriraino. Erran ezinerako erara. Liburu bat irekitzen dut. Ozenki irakurtzen dut : "Egonezina uxatu nahian, desorekaturiko pertsonak erruduna bilatzen du, eta besteei egozten dio errua" (Laura Mintegi Lakarra). Ingurumena entzuten dut. Ez dut uste astelehenez lan egin behar dudanik. Zortziehun karaktere gelditzen zaizkit idazteko klase borroka fiteegi lurperatu dutela. Injustizia sozialek bizirik jarraituko duten bitartean, marxismo ideologiak egun politak ukanen baititu bere aitzinean. Idazten ari naizen azken bidaia liburutik testu bat ateratzen dut. Intelektuala den testuingurua baztertuz gero, organikoa den literatura agerian utziz gero, mahaiaren gainean gelditzen den gauza bakarra idazlearen erraiak dira. Erraietatik idatzirik den testuak Arthur Rimbaud poeta atzean dauka. Damokles ezpata izango balitz bezala gibelean dauka. Morala garunen ahulezia da. Morala garunen ahulezia dela zioen poetak. Euskal Herriratzen naiz eta diskurtsoen barkamen kontzeptuaren atzean errudun hitza deskubritzen dut. Esaguzue errudunak izan zaretela Euskal Herria bakean bizi dadin. Baina moralari inork ez dio arraposturik igortzen. XXI. mendean moralak burmuinen ahulezia izaten jarraitzen baitu.
news
argia-a3f6aa9cbad8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/munduko-agenda.html
Munduko agenda
Inma Errea
2016-05-01 00:00:00
Munduko agenda Natural-natural iristen dira guregana, bestela bezala, eta egiazkotzat jotzen ditugu oro har, benetan gertatzen denaren isla gardena direlakoan. Behin gurean, asaldatzen gaituzte –askotan–, haserrarazten edota atsekabetzen –maiz– eta –inoiz gutxitan– jabaltzen. Zaharrak berri edo berri-berriak, ikasi dugu albisteak behar-beharrezkoak ditugula bizitzeko. Frankotan, gu abiatzen gara haien bila. "Ea, ba, zer dioten gaur" pentsatu, eta pizten dugu telebista –gutxiago irratia–, edo internetera jotzen dugu –berripaperetara, gero eta gutxiago…–, jakin-min beti berritu baten bultzada sentituta. Behar-beharrezkoa iruditzen zaigu munduan gertatzen diren gauza guztien berri zehatza eta etengabea edukitzea, eta abstinentzia-sindromeak jotzen ahal gaitu, tarte luzexka bat berririk gabe pasatu behar badugu. Hain egunerokoak ditugu albisteak, hain gure sentitzen ditugu, non inoiz gutxitan pentsatzen baitugu nola sortzen diren –fabrikatzen–, nork, eta zergatik, eta zerk pizten du guregan hain egarri handia berririk gabe gelditzen garenean. Hargatik, albistegiak, eta maiz berriak beraiek, ez dira fenomeno naturalak, euria edo eguzkia bezala, halakoak bezain ohikoak bilakatu bazaizkigu ere. Usu, ez dute gertatzen den guztia kontatzen, eta kontatzen duten guztia ere ez da gertatzen ari; ez behintzat, haiek kontatu bezala. Harrigarria bada ere, antzeko erreportajeak –berdin-berdinak, askotan– hedatzen dituzte telebistek herrialde eta hizkuntza ezberdinetan eta aldi berean. Ez naiz ari eguneroko gertakariez –horiek ere bai, antzeko tratatzen baitituzte–, baizik eta albistegietan osagarri izaten diren berri denboragabeez. Irudituko luke munduko albisteen agenda norbait ari dela gobernatzen, informazio jakin batzuk –edo asko– toki guztietara batera eta ikuspegi beretik helarazten. Ez dizuet esanen albistegi edo berririk gabe bizitzeko, bai, ordea, gomutan hartzeko natural-natural bereganatzen ditugun berri horiek guztiak ez direla beti ez hain natural ez hain berri. Eta, halatan, ahalik eta gehien dibertsifikatzeko iturriak, aldizkari hau bezalakoekin fidatzeko, media erraldoiekin baino, eta, noiz edo noiz, tartetxo bat berririk gabe bizitzen saiatzeko. Benetako munta duten gauzen berri beti jasoko baitugu. Eta sare sozialen menpe ez egoteko. Bi emakumeri, Mari Luz Estebani eta Anna Gabrieli, aditu berri diet ohartarazten sare sozialek, berezko duten beren arinean, hausnarketa politikoan izan dezaketen eragin kaltegarriaz. Biak ere pertsona konprometituak dira inguru hurbilarekin zein errealitate urrunagoekin, eta ez dirudi mundutik at bizi direnik.
news
argia-e1cc9045a42a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/liburua.html
Black, lesbian, mother, warrior
Igor Estankona
2016-05-01 00:00:00
Black, lesbian, mother, warrior Eta poeta. Nor da soilik gauza bat, kolorea eta sexua, klasea eta adina, auzoa eta zigorrez jotako arbasoak: "Eta hemen eserita hausnarrean nabil/ nire buruetako zeinek biziraungo duen/ askapen hauen guztien ondorenean". Danele Sarriugarteren gustua, momentu honetan opatzea halako ahots bat… Munduko Poesia Kaieretan irekitako leiho honetatik sartu da haize bat indartsua: "eta ez nator euria bezala/ gorazarre edo ikur gisa, lurraren mesedegarri./ Emakume nator/ ilun eta ireki/ batzuetan gaua bezala abailtzen naiz/ leun eta izugarri/ baina soilik hil behar dudanean/ gero atzera altxatzeko". Audre Lorderen (New York, 1934-Saint Croix, AEBak, 1992) poesia identitateari buruzko hausnarketa sakona da. Zentzu horretan, bakoitzaren baitako izpiritu guztien aberastasunari kantatzen dio. Aktibista da, leuna da, gogorra ere bai: afroamerikarren historiak hala erakutsita, mesfidatia du letra, eta bitala eta inkontzienteki askea, ostera, musika. Harlemera eroango zaitu, esklabo ontzira igoko zaitu, eliza ezagutuko duzu, sukaldea, iraultza. Audre Lordek idazten du bere sabeleko minaz, baina emakume beltzen mina da egundo lehenengoz kontatua. Eta Maya Angelou edo beste batzuen antzera, badauka blues bat sakonekoa eta imitatzen zaila, aho zapore gazi gozo bat uzten diona halabeharrez irakurleari amaieran. Ez da tristura. Ez da alaitasuna. Bizitza da: "aspaldiko gogortasunaren arrastoek dir-dir dagite izarrek nola/ hiltzen erakusten didate eta temati esaten/ heriotza ez dela gaitz bat". Audre Lorde irakurtzeko modu asko daude, noski. Politikoa da bat. Bera da ahapaldirik ahapaldi poesiaren izate kolektiboa errebindikatzen duena. Irakurketak izan behar du finean beltza eta feminista. Bera beltza eta feminista da, eta barrura begira idazten duena ere kanporako da, eta hala egiten du bat gainontzekoekin, arbasoekin, munduarekin. Identitatea plurala dela oharturik, Lorderentzat kondizio desberdinik ez dago, bere izatearen ertzetan egiten du bat zapaldu guztiekin, are zapaltzaileekin ere: "azeri eta oreina/ askan/ ez guztiz elkarrekin/ baina bai bata bestearen manerak/ ikasten". Lorde irakurtzeko modu asko daude, noski, eta lirikoa ere bada bat. Sufrimenduaren apologia egin gabe, bide berrietan arakatuz, hizkuntza bera eguneratuz eta diskurtsoei buelta emanez lortu du sartzea antologietan. Lorde irakurtzeko modu asko daude, noski. Hauxe bat.
news
argia-09204f23f574
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/maiatzak-1-etxe-aldaketen-eguna.html
Maiatzak 1, etxe-aldaketen eguna
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-05-01 00:00:00
Maiatzak 1, etxe-aldaketen eguna New York, 1820. Hiriko araudiak lege berri bat jaso zuen: beste datarik zehaztu ezean, etxebizitzen alokairuen kontratuak maiatzaren lehenera arte egongo ziren indarrean. Itxuraz, egun horretan kontratuak eten eta, beraz, etxez aldatzeko ohitura lehendik zetorren, eta arauak fenomenoa ofizialdu besterik ez zuen egin. Batzuek diote kolonizatzaile herbeheretarrak egun horretan iritsi zirela Manhattan uhartera eta horregatik aukeratu zela data; beste batzuek, Ingalaterran ospatzen zen May Day -ak eragin zuela erabakia. Kontua da "etxe-aldaketak egun bakarrean egitea ohitura zaharra" zela, "hiria txikia zen, biztanleak urriak ziren eta gehienak etxe berean urte luzez bizi ziren garaikoa", John Pitard New Yorkeko Elkarte Historikoaren sortzaileetako batek 1832an edo 1833an Eliza alabari gutun batean azaldu zionez. Hiriaren oparotasun biziak biztanle berri samaldak erakartzen zituen. Hainbeste jendek bizitokia izan zezan, etxebizitzen eraikuntzak eta alokairuen merkatu espekulatiboak nabarmen egin zuten gora. Hala, alokatzaileek errenta neurriz kanpo igotzeko aprobetxatzen zuten maiatzaren leheneko legea, eta maizter askok urtero arrazoizko prezioan beste etxe bat bilatu behar zuten. Denek egun berean egiten zuten aldaira. Goizeko 9etan hasten zen gurdien joan-etorri nahaspilatsua. Konderriko milaka orgazain biltzen ziren hirian, egun bakarreko pagotxaren bila. Altzariak batetik bestera garraiatzeko eskaera gero eta handiagoa zenez, haiek ere prezioak puztu zituzten. Hainbat astetako jornala ordu gutxi batzuetan irabazteko joan-etorri asko egin behar zituzten, gainera, eta presak kaosa areagotu zuen. Frances Trollope idazle ingelesak honela deskribatu zuen anabasa: "Maiatzaren 1ean New Yorkeko populazio izurritik ihesi ebakuatzen ari direla dirudi". Davy Crockett abenturazaleari moving day-ak iritzi kontrajarriak eragin zizkion 1834an: "Broadwayera itzuli ginenean, hiri osoa kalamitate latz batetik ihesi zihoala iruditu zitzaidan (...) Jolasean daudela dirudi, dibertimendu hutsez aldatzen direla etxez". George Templeton Strong abokatuaren arabera: "Hiria ez dut sekula ikusi halako egoera kaotikoan. Etxeek barrenak kalean husten dituztela dirudi. (...) Zibilizazioaren aro nomada eta migratzailetik ez dugu aurrera egin, Tartariako estepako behizainak bezalakoak gara". XX. mendeko lehen urteetan, milioi bat inguru newyorktar aldatzen ziren etxez maiatzaren 1ean. Baina bi mundu gerren ondorengo estualdiek ohituraren gainbehera ekarri zuen. 1945ean New York Times -ek legea indargabetu zutela jakinarazi zuen: "Etxebizitza eskasiak etxe-aldaketaren eguna ezabatu du".
news
argia-a25226d24331
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/famaztella.html
Famaztella
Edu Zelaieta Anta
2016-05-01 00:00:00
Famaztella Familia Aznar Botella-ren akronimoa ezagun egin da, komunikabide batzuetan zabaldu denaren arabera, familia enpresak ustez zergak behar bezala ordaindu ez dituelako. Askoren ahotan, azkenaldiko paperen eta aferen karruselean, beste bat. Zuri arreta erakarri dizuna, baina, beste kontu bat izan da. Han eta hemen irakurri duzunari tiraka, jakin duzu Jose Maria Aznarrek eta Ana Botellak idatzitako liburuak eta emandako mintzaldien jabetza eskubideak ustiatzea dela enpresaren xede nagusia, batez ere Espainiako presidente ohiaren kasuan. Bestela adierazita, Aznarrek eta Botellak enpresa bat eratu dute idazle eta hizlari gisa irabazitako etekin joriak egokiro ustiatzeko asmoz. Ia inbidia sentitzerainoko harridura sortu dizu albistearen berri jakiteak: Planeta eta Plaza & Janés argitaletxe ezagunekin sinatuak dituzte hitzarmenak, eta Georgetowneko Unibertsitate ospetsuarekin egina kontratua; liburuak izenpetzeko ekitaldietan jende andana ikusi duzu ilaran, eta hitzaldiak emandako aretoak pertsonez gainezka. Aitortu beharrean zaude: matrimonioaren trebetasun intelektualen arrakastak liluratua zaitu. Bai eta horrenbesteko talentua kudeatzeko izen artistikoak ere.
news
argia-19c3bce96a93
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/burbunak-eta-etsayak-proiektua.html
Natura eta hizkuntza, soka bereko bi puntak
Garazi Zabaleta
2016-05-01 00:00:00
Natura eta hizkuntza, soka bereko bi puntak "Bilketa lanak egiten hasten garenean, normalean, zerbait galtzera doala sumatzen dugulako da. Euskalkiak biltzeko joera badago, eta Burbunak eta etsayak proiektua ere testuinguru horretan kokatzen da". Naturaren gaineko Hernaniko ahozko ondarea biltzeko asmoz abiatu zuten proiektua Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Euskalkien galeraz gain, naturaren ezagutza eta jakinduria ere galtzen ari zirela ikusi zuten Eñaut Agirre filologo (Dobera) eta Iñaki Sanz-Azkue biologo (Aranzadi) hernaniarrek. Horrela, dokumentalari ekin zioten Joxean Ruiz kameralari eta Jon Mari Beasain editorearekin batera. Filma udaberrian aurkeztu bazuten, etorkizunera begira bildutako materialarekin liburu bat egitea dute helburu.   Euskalkien balioaz Hizkuntzaren ekologiaz asko hitz egiten den garaiotan, euskara barruan berdina planteatu behar litzatekeela uste du Agirrek: "Euskalki bakoitzak gure hizkuntzari asko ematen dio, eta beraz, gure helburuetako bat ere bazen tokiko euskalkien garrantziaz ohartarazi eta horri balioa ematea". Ildo horretatik doa izenburua ere: Burbuna eta etsaya Hernanin xomorro berbera izendatzeko erabiltzen dituzten bi hitz dira (argazkian). Naturaren hiztegi zabala Egindako elkarrizketetan 350 animalia eta landare espezieren izenak bildu dituzte Agirrek eta Sanz-Azkuek. Espezie horietako askok, gainera, izen bat baino gehiago dituzte, baserri batetik ondokora aldatzen direnak. "Txori batek, adibidez, sei izen ditu Hernanin", azaldu digu Agirrek. Naturaren eta hizkuntzaren arteko lotura nabarmena da, filologoaren ustez: Naturarekiko harreman hurbilagoa duenak, ezagutza handiagoa duenak, hiztegi aberatsa du ikusten duen hori adierazteko. Gaur egun, bistan da hiriari lotuago eta naturatik urrunago bizi garela. "Lehen landareak eta animaliak egunero ikusten zituzten. Orain beste bizimodu bat dugu, eta ondorioz beste hiztegi bat erabiltzen dugu", dio Dobera elkarteko kideak. Pentsa litekeenaren aurka, ordea, gazte askok oraindik "harritzeko moduko ezagutza" dutela ikusi dute proiektuaren egileek, eta hiztegi guzti hori errekuperatzeko interes handia somatu dute gainera. Bada etorkizunik, beraz. Maialen Lujanbio bertsolariak proiektuaz esan zuen bezala, "txori guztiak txori, arbola guztiak arbola eta zomorro guztiak zomorro diren garaiotan" polita da jakinduria hori jasotzea. Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago bizitzen, maitatzen dugulako ingurua!
news
argia-a6e08e438e40
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/julia-barberena-neskatoa.html
"Pobre sortu garenok ere badugu urguilua, gero!"
Miel Anjel Elustondo
2016-05-01 00:00:00
"Pobre sortu garenok ere badugu urguilua, gero!" Telebista saioan ikusi genuen, bere baitako okinaz solas. Zugarramurdin sortua, Bizkaiko Orozkon bizi dena. Jon Abrilek dokumentatu digun neskato lanbidean ibilia. Inondik ere, ogiaren barneko mamiak behar du okinaz bertzeko istorio-historiarik. Herri people saioan ikusi zintugun, telebistan. Erranen didazu zer egiten duen Zugarramurdiko emaztekiak Bizkaiko Orozko honetan? Neskato nintzen… Non, neskato? Donibane Lohizunen, Epaltzatarrenean. Inondik ere, Orozkotik helduak ziren, etxea baitzuten hemen, lehendik. San Pedroetarik abuztuaren hamabortz arte heldu ziren. Hemendik Lekeitiora joan ginen, urri arte edo, eta gero, berriz Donibanera. Orozkora etorri ginen, erran bezala, San Pedro bezperan. Neskato ginenok izaten genuen hamabortz egunetarik domeka arratsalde bat libre. Nagusi-etxekoandreak ez ziren etxean, baziren umeak, eta bazen kozinera elegante bat, Leandra izena zuena. Horrek erran gintuen: "Ni egonen naiz haurrekin, ez zaitezte berandu etorri. Zoazte!". Jauregi auzoan ginen Orozkon, eta Muruetara joan ginen, sei kilometroko bidean, eta han ezagutu nuen Pablo Azkoaga jauna, eta horrela heldu nintzen Orozkora. Epaltzatarrak jende ezagutua da Euskal Herrian. Bai, hala da. Doña Maria nafarra zen, Iruñea gaindikoa uste dut, baina jauna, Don Domingo, bizkaitarra zen, lekeitiarrak. Adan de Yarzaren familia dira. Nire senar Pablok dioenez, Adan de Yarzak ekarri zuen pinua Bizkaira, 1870 aldera. Gazte zinen, neskato lanean. Hemeretzi urte banituen, baina lehenbizian hamabortz urterekin joan nintzen neskato Frantziara. Ordu artio Zugarramurdin bizitua nintzen. Telletxeko alaba naiz ni. Telletxea du izena gure etxeak, eta han da oraino. Baginen momentu batez hamahiru lagun: aita, ama, zortzi ume, aitatxi-amatxiak eta iloba bat. Etxe handia da. Baziren oiloak, baziren lau behi, baziren ardiak… eta asto bat ere bazen. Seigarrena nintzen etxean, ni baino lehenago bortz mutiko baziren. Lana egitea gertatu zitzaizun baserrian? Baiii! Baina nik ttiki-ttikitarik banekien lanera joan behar nuela neskato. Baziren guardia zibilak Zugarramurdin, eta haien umeekin ibiltzen nintzen. Ez ziren hain gaizki bizi han… Konprenitzen duzu zer erran nahi dudan? Ongi bizitzeko manera egiten zutela handik eta hemendik zerbait maneiaturik… Zuk erran duzu, ez nik! Bertze manera bat zen. Izaten zituzten gabardinak plexiglasekoak, transparenteak. Orain parasolak diren bezala, orduan gabardina zen moda, eta guardia zibilen umeek bazituzten. Eta nik ere nahi nuen… Zazpi-zortzi urte izanen nituen, ez gehiago, eta aitak erran ninduen: "Beha, Julia, hemen bizitzen baldin bazara izanen dituzu arropa arrunttak, ez zaizu faltatuko ez jatekoa ez fitsik, lan eginen duzu eta biziko zara ongi, baina nahi baduzu plexiglaseko gauzak, joanen zara neskato, eta irabaziko duzu dirua, eta orduan izanen dituzu bertze gauzak, hemen izanen ez dituzunak". Zortzi urterekin nik banekien hori horrela izanen zela. Eskola eta bertze gauzak ez zitzaizkidan interesatzen. Nik neskato nahi nuen. Noren bidez joan zinen neskato? Nora? Erranen dizut. Amak bazuen bigarren kusia bat, moja, Gurutzeko alabak Frantzian, eta hori dela medio joan nintzen Biarnoko Salies-era, frantsesez ikastera eta lanean. Urte bat egin nuen han, eta berehala ikasi nuen frantsesa, ongi gainera. Nola heldu zinen Epaltzatarrenera? Hori bertze istorio bat da. Gero jesuita bat ere ezagutu nuen, eta hark erran ninduen ea zertako ez nintzen joaten Donostiara erizain ikasteko. Ezagutzen zuela familia bat eta hau eta hori, eta "Zertaz ez?", erran nion ene buruari. Baina nagusia berehala hil zen. Etxeberria bat zen familia, psikiatra. Han bi urte egon nintzelarik, ez erizain ez deus, lanean. Hortik Lekeitiora joan ginen. Baziren lau emazteki etxean: hiru ahizpa, batto gaixoxkoa, eta amatxi zaharra. Amatxi zaharra hil zen, han ginelarik. Haien jostailua nintzen. Joaten nintzen jostera, eta han ezagutu nuen emazteki bat, Justa izena zuen, eta erran nion ez nintzela kontent eta nahi nuela joan hortik. Eta erran ninduen Epaltzatarrekin eginen zuela solas, zertaz emazteki hori haiekin egona zen neskato. Horrela joan nintzen Epaltzarrengana. Urte bat egon nintzen han. Urte bat. Bai. Nik ingelesa ere ikasi nahi nuen, eta izan nuen manera ingelesa ikasteko, baina ez Ingalaterran, Antilletan baizik. Antilletan ibilia zara neskato? Bai. Juan Ibarnegarai? Aditzea izanen duzu. Haren alabarekin egon nintzen urte bat, exkaxa. Istorioa kontatu behar dizut dena? … Galdera bat egin dizut: nahi duzu istorio guztia kontatzea? Antilletako istorio hori jakin nahi dut, bai. Antilla Ttikietan egon nintzen urte bat. Hemeretzi urterekin joan nintzen. Juan Ibarnegarai ezkondu zen ez sobera gaztea. Lau alaba izan zituen. Alaba zaharrenarekin joan nintzen Antilletara. Bazuen haur bat, eta bertze baten esperantzatan zen. Kusia batek ezagutzen zuela eta badakit zer eta ez dakit zer, badakizu nola izaten diren istoriook, eta erran ninduen: "Zu, Julia, nahi duzu joan?", eta nik baietz. Donibane Garazin egon nintzen haiekin, Antilletara baino lehen. Bazuten han etxe bat, handia, gaztelu moduko bat iduri zuena, lau dorrerekin. Eta bazen inskripzio bat etxearen ate printzipalean: "Lehen, hala. Orain, hola. Gero, nola?". Donibane Garazin izan zen hori, Antilletara baino lehen. Bai. Aski ongi izan nintzen Donibane Garazin etxeko andrearekin eta denekin. Baina hartu genuen barkua Vigon eta joan ginen Antilletara. Hamabortz egun, ongi. Eta Antilletan ere, ongi ni. Arras leku diferentea da Antilla, baina han denbora beroa, eta nik denbora beroa maite dut, erran behar dut egia. Eta gustatu zitzaidan aunitz. Denbora beroa maite zuk. Bai, eta gainera ongi nintzen. Irla bat zen hura, 35.000 lagun, eta 300 edo ginen xuriak. Ailegatu nintzelarik denek bazekiten nor nintzen, denek solas egiten zuten nirekin, agurtzen ninduten, izugarri goxoak ziren nirekin… Bazen militar bat erretiratua, bazekien frantsesa, eta ikusten ninduelarik, beti zen nirekin solasean… Ongi! Ez dut buruan sartzen ahal. Zugarramurdiko xokotik Antilletako bazterrera. Hazia naiz Euskal Herrian, eta badakizu nola bizituak garen gehienean hemen: fedea. Neskato nintzelarik portatzen nintzen gurasoekin bezala. Ez nuen libertaterik hartzen, ez nuen behar ere. Arrisku aunitz izan ditut bizian, eta lanjerra handiak, baina behin ere ez dut makurrik izan: norbaitek bertze aldetik zaintzen nau. Eta zaharrago eta seguruago naiz. Hitz beste eginez, nahi baduzu: neskato bizimodua gogorra da? Bai, bakarrik zarelarik. Etxeko zakurra zu baino inportanteagoa da, nire denboretan beti. Bertze gauza bat: nik hori ere badut, ona edo txarra, baina nagusia nagusi, eta ni neure lekuan. Etxe batean egin dudalarik lan, zerbitzatu naiz ahal bezain ongi, baina partitu naizelarik, agur!, ez da nire lekua. Ez dut erran nahi nire burua gutxiago sentitzen dudala, ez. Bakoitza bere lekuan: aberats sortzen dena, aberats, baina pobre sortu garenok ere badugu geure urguilua, gero! Neskato zaren etxean umeak baldin badira, bada bertze gauza bat: umeek ematen dizute, eta zuk ere ematen diezu, hartzen duzu eta ematen duzu, hor ez zara hain bakarrik. Suertatu nintzen Parisen. Parisen? Antilla Ttikietan zinena, Parisen gero? Bai, Antilletarik etorri nintzen gibelera, jakina. Izan ziren istorioak eta etorri nintzen. Etxekoandreak erran ninduen: "Badakit ez naizela ongi portatzen zurekin…". Eta erran nion: "Beha, andrea, ez da zure kulpa, ez da nirea, baina elkarrekin ez gara egoten ahal". Bera, bera zen, eta ni, neu. Niri norbaitek solas egiten baldin banau, nik emanen diot arrapostua. Antilletan jendeak maite ninduen, eta lagundu ninduten etortzen. Han, dendak ziren okindegia, drogeria, bidaia-agentzia… Eta sartu nintzen agentzian, eta lagundu ninduten. Handik irten zinen. Bai. Barbadosen hartu nuen barkua, Montserrat izena zuena. Etxekoandreak bazekien banentorrela, eta egun hartan ez zuen fitsik erran. Egin nuen maleta, bi minutuko istorioa, eta prest nintzen. Egun hartan etxekoandrea hondartzara joan zen haurrekin. Itzuli zelarik, erran ninduen: "Egin behar duzu hau eta hori eta hura, hainbertze gauza, eta gero, prestatu zaitez, zertaz hiruretan hartu behar duzu abioia". Eta nik, orduan, erran nion: "Lehenbiziko prestatuko ditut nire gauzak eta gero, astia baldin badut eginen ditut bertze gauzak". Eta nagusia: "Stupide!" . Kar, kar, kar… Ez nien kasu fitsik egin. Haurrak niri lotuak, nirekin. Ezagutzen ninduten. Horrela partitu nintzen. Aireportura polizia etorri zen, galdetuz ea kexarik banuen, zertaz oihuak entzun zituzten kanpoan. Urri nintzen, baina ongi zaindua. Hurrengo etxean Parisen izan nintzen. Fenwick jasogailuak? Aditzea baduzu? Fenwick, bai, horiek ere ongi ezagutuak dira munduan. Haiekin egon nintzen neskato. Nagusia hila zen, etxekoandrea bere gisa bizi zen, eta bazituen bi ume ttiki. Zazpi egun nintzen haiekin, baina ez nintzen gaizki, ezta pentsatu ere, aski ongi. Muttikoa hiru urtetara joaki zen, ea etxe hartako nagusia nor zen galdetzen zuen. Ttikia zen, baina jauna zen jada. "Nagusia zu zara, eta ni neskatoa, baina zu ttikia baitzara, nik erraten dudana egin behar duzu". Orduan bazen moda gogorra haurrei gibela eta espinakak ematekoa. Muttikoak: "Nik ez dut batere maite espinaka!". "Nagusia baldin bazara gutxixeago jan behar duzu, baina jan behar duzu!". Ongi bizitu nintzen haiekin. Azkenean erran nion etxekoandreari: "Aizu, zertaz ez dituzu eramaten haurrak nirekin Zugarramurdira?". Eta baietz, eta Zugarramurdin egon nintzen bortz hilabete. Ezkontzeko bezperan utzi nituen. Ezkontzeko zinen bezperan? Bai. Haurrak uztea niretzat izan zen gauza bat… Eta oraino… Jendeak erraten du: "Maite dituzu umeak, zuk erditu dituzunak". Baina ez da horrela: umeak maite dituzu, zuk hazten baldin badituzu. Erditzea, ez erditzea, hori ez da egia. Nik oraino maite ditut haur horiek. Badituzte 54-55 urte. Maite ditut oraino haur horiek, egiaz, gainera. Noiz utzi zenuen neskato lana eta ezkondu zinen Orozkora? Mila bederatziehun eta hiruretan hogeita lauan. Ume haiek utzi nituen Donibane Lohizunen, ezkondu nintzen, eta biharamunean etorri nintzen Orozkora. Ezkondu nintzelarik, ez duzu pentsatzen: amodioa eta hau eta hura, ez duzu gehiago pentsatzen fitsik. Eta, gainera, uste duzu zure gizona dela jainko. Lau urteren buruan ohartu nintzen bertzeak bezalako zela. Orduan, onetsi behar duzu nola diren gauzak, ez da bertzerik. Eta hasi zinen ogi egiten halakoren batean. Baratzekaria ona egiten nuen, etxea panpindua nuen, ongi arrimatua. Emazteki bat nintzen, ilusioarekin. Nik ez ditut konprenitzen oraingo emaztekiak, feministak eta bertze. Emaztekiak badu gizonak baino gauza aunitz gehiago. Emaztekia zara, eta ama zara. Gizonak umeak egiten ditu, baina ez du titirik ematen. Ramiro Pinilla ezagutzen duzu? Gustatzen zait aunitz gizon hori. Behin aditu nion telebistan erraten: "Emaztekiak ez du fitsik demostratu behar, bera da!". Nire gizonarekin bizi naiz, gustu aunitz zerbitzatzen dut, baina berak ere ematen nau bere gauza. Zuk ematen duzuna gogoz ematen duzu, eta hartzen duzuna, estimatzen duzu. Ogia… Hemen ikasi nuen ogi egiten, Orozkon. Baina Zugarramurdin, haurra nintzelarik, nork egiten zituen fildakeriarik handienak? Beti Juliak. Telletxean bizi nintzen, baina amatxi bizi zen beste baserri batean, Sartzarrean, eta hara joaten nintzen. Han, aitaren arrebak, izebak, egiten zuen gasna, egiten zuen ogia, baratzekariak… Zen emazteki bat, bera. Aunitz joaten nintzen amatxirenera, eta aski gustura egoten nintzen haren etxean. Eta ezkondu nintzelarik honat, maite nuen etxe-ogia. Umeak hazi ziren, baina bertzerik behar nuen. Auzoko emazteki batekin hasi nintzen ogia egiten, lehenbizi etxekoz, baina 1978an joan ginen Gernikara. Etxeko ogia salgai. Telebistan kontatua duzu geroko istorio-historia. Behin ikusi dut programa, eta ez dut gehiago begiratu! "Baserritarra eta okina" zioen telebistak zure gainean, baina bada bertzerik Julia Barberena Irigoienen bizian. Zuk uste duzu? Menturaz, hala izanen da. Ni ez naiz ohartzen baina gauza aunitz pasatzen dira nire buruan. Beharrik ez naiz ohartzen!
news
argia-9123f09d5c83
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/emazteak.html
Emazteak
June Fern�ndez
2016-05-01 00:00:00
Emazteak Cáceresen egon berri naiz, lesbianen ikusgarritasunaren aldeko jardunaldi batean. Partaideek euren burua aurkezten zutenean, askok honela egin zuten: "Teresa naiz eta nire emaztea Pura da". Hau da, aldamenean zeukaten emakumearekin ezkonduta zeudela harro adierazten zuten. "Emaztea" eta ez "bikotekidea" esaten zuten. Joera bitxia iruditu zitzaidan. Nire inguruko lesbianak ez dira ezkontza zaleak, eta (arrazoi praktikoaren aitzakiaz) ezkondu direnek ez dute lau haizeetara zabaltzen. LGTB mugimenduan bi joera bereizi ohi dira. Alde batetik, integrazioa eta normalkuntza bilatzen dituztenak; horien artean ezkontzeko eskubidea lehenetsi dute, berdintasunaren ikur sinbolikoa delakoan. Beste korronteak gizarte heterosexistaren onespenari uko egiten dio, baita gizarte horren arauei ere; familia tradizionalaren eredua barne. Queer (arraro) irain gisa erabiltzen zen Ameriketako Estatu Batuetan, eta erresistentzia estrategia bezala iraina bereganatu zuten gay, lesbiana eta transexualen aktibismo ausartak Queer mugimendua sortu zute. Gurean transmarikabollo erabiltzen dugu, adierazteko ez dugula "normalak" eta "errespetagarriak" izan nahi. Alejandra eta Rosa atzerritartasun legeak bultzatuta ezkondu ziren; Kolonbiakoa da Alejandra. Transexuala ere bada. PPko zinegotzi batek marmarka ezkondu zituen. Pasaportearen arabera Alejandra gizona zen, baina soinekoz ezkondu ziren biak, eta ortzadar koloreko lore sorta artean Bilboko lesbiana feministen artean mugitzen naiz ni, queer korronte horri begira, eta LGTB mugimenduaren instituzionalizatzearen kontrako mesprezua edan dut. Espainiako LGTB elkarteak batzen dituen federazioari, FELGTB, flagélate deitzen diote/diogu, egozten diogun kutsu kontserbadoreari iseka eginez. David Cameron Erresuma Batuko presidentearen hitzak beti ditut gogoan: "Gay ezkontzen alde egiten dut, hain zuzen ere kontserbadorea naizelako". Hau da, ikuspuntu kontserbadore batetik hobe homosexualak ezkontzen badira eta Jainkoak agindutako bizimodua badaramate. Hori ez da bekatua; baso edo sauna batean ezezagunekin txortan egitea bai, ordea. Ondorioz, Bilboko Alde Zaharrean biltzen garen lesbiana hiritarren artean diskurtso ofiziala ezkontza homosexualak dakarren "heterosexualizazioa" kritikatzea da. Alejandra eta Rosa atzerritartasun legeak bultzatuta ezkondu ziren; Kolonbiakoa da Alejandra. Transexuala ere bada. PPko zinegotzi batek marmarka ezkondu zituen. Pasaportearen arabera Alejandra gizona zen, baina soinekoz ezkondu ziren biak, eta ortzadar koloreko lore sorta artean. Solek ez zuen ezkontzetan sinesten, baina FELGTBn parte hartzen zuen Extremadurako landako lesbianen isolamenduarekin bukatu nahi zuelako. PPk ezkontza legearen kontra egin zuenean, federazioak kideei esan zien ezkontza kopuru handia behar zutela legea hobeto defendatzeko. Jarraian bere neskalagunarengana lore sorta batekin jo zuen. Jardunaldi horietan euren emazteei buruz harro hitz egin zuten, horietako asko herri txikietakoak dira eta badakite zer den lesbianismoa ezkutuan bizitzea. Eurentzat ezkontza legeak jendartean hedatu duen genero berdineko pertsonen arteko amodioa zilegi da. Landako lesbianaren bakardadea bizi duen emakumea ezkontzen denean, bera baztertu duen jendarteari aurre egiten dio: existitzeko duen eskubidea plazaratzen du. Beharrezkoa da ezkontzeko eskubideak sexu askatasuna bermatu ez duela gogoratzea, LGTBfobia bizi-bizirik jarraitzen duela, eta "integrazio" bide horrek normalak izan nahi ez dugunok baztertzen gaituela. Baina tira, emakume hauek ezagutu ondoren uste dut komeni dela erradikal/instituzional edo kontserbadore/urratzaile dikotomia sinplistak alboratzea eta norbanakoen istorio eta iraultza txikiak aintzat hartzea.
news
argia-2a9b686cb80f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/a-28ko-greba-eta-borroken-konbergentzia.html
A-28ko greba eta borroken konbergentzia
Xabier Letona
2016-05-01 00:00:00
A-28ko greba eta borroken konbergentzia Greba eta mobilizazio eguna biziko da ostera ere apirilaren 28an Frantzia osoan. Helburua: El Khomri legea edo François Hollanderen lan erreforma  atzera botatzea. Inkesten arabera, Frantziako populazioaren %75 legearen aurkakoa da. Funtsean, Espainian PPk bultzatu zuen lan erreformaren oso berdintsua litzateke eta berau egiteko arrazoiak ere bai: lan merkatuak ez diela erantzuten egungo merkatu globalaren erantzukizunei eta, beraz, malgutasuna behar duela. Malgutasunaren muina da langileak kaleratzeko arauak erraztea, langileen sindikatu mailako antolaketa ahultzea eta, funtsean, enpresarien erakundeen boterea handitzea lan harremanen esparruan. Orain arte, soldaten jaitsiera eta prekarietatea dira halako lan erreformek langileen artera ekarri dituzten ondorio nagusiak. Mobilizazio hauei loturik, alabaina, Nuit Debout (Gaua Zutik) mugimendua sortu da, lan erreforma gerarazteaz gain, askoz urrutirago ere begiratzen duena. Parisko Errepublikaren plazako ikasle eta hainbat gizarte sektoreren aliantzak, neoliberalismoaren aurkako borroka makulu, gizarte eraldaketari begiratzen dio. Sindikatuen ohiko borroken aurrean eta greba orokor isolatuen mugez jabetuta, zerbait jarraikorrago bultzatu nahi dute. Zer eta nola ez dago argi; oraingoz martxoaren 31n sortutako emariari norabide bat ematea ez litzateke gutxi. Espainiako M15arekin parekatu dute askok Nuit Debout, baita AEBetako Occupy mugimenduarekin, eta bietatik desberdina bada ere, proiekzioari begira behintzat itsasoz bestaldekoari begiratzen bide dio gehiago. AEBtan Bernie Sanders moduko hautagai demokrata batek sozialismoaren alternatibaz hitz egitea eta horrekin lortzen ari den sostengu zabala guztiz iraultzailetzat jotzen ari da. Occupyren errepikak ere badira halakoak. Podemosen bideaz ere asko hitz egiten da, baina oraingoz ez dirudi Nuit Debouten etorkizunen hurbilean halako metxarik piztuko denik. Esaterako, hauteskunde eta alderdien lehiatik harago jo nahi luke mugimenduaren  bultzatzaile intelektuala den Frédérick Gordonek. Frantziako ezkerreko erreferentzia garrantzitsua den Gordonek, mugimendu indartsu eta zabaletan sinesten du aldaketa sakonei begira; horretarako, borroken konbergentzia ezinbestekoa da bere ustez. Horixe da, hain zuzen, Nuit Debouten baitan gehien zabaldu den kontzeptua, borroken konbergentzia, eta bere gerizpean ari da hazten gaueko suminduen borroka. Osteguneko mobilizazioa bere lehen geltoki handia da mugimendua sortu zenetik. Maiatzaren 3tik aurrera legearen eztabaidari ekingo diote Asanblea Nazionalean eta protesta ere biziki areagotu eta zabalduko dela pentsa liteke. Beste hainbat plazetako garra moduan, lehenxeago edo geroxeago itzaliko da Nuit Debout ere. Utziko duen arrastoaren norabidea da oraindik garbi ez dagoena, baina utziko duela ez da zalantzarik. Espainiako estatuan mugimendu politikoa kalera baino instituzioei begira dago. Podemos eta IUren aliantza nahiko seguruaren aurrean PSOEk azken mugimendu zakarren bat egiten ez badu –boterea PP eta C's-en esku utziz–, ekainaren 26an hauteskunde orokorrak errepikatuko dira. Alderdi nagusienen tresneria horri begira dago  abenduaren 20az geroztik; gainerako guztiei, hauteskunde berrien gurutz-bidea sofritzea egokituko zaie. Eta azkenean, jakingo dugu ea Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egun horretan egingo diren ala ez.
news
argia-ea3b0ee5e14e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/zuluetarrak.html
Zuluetarrak
Fermin Etxegoien
2016-05-01 00:00:00
Zuluetarrak "Bazirudien El Huerto-n ginela" esan zuen ikusleetako batek –60 urtetik gorako emakume alargun oso ezaguna Donostian, zeinaren alaba eta biloba ere ekitaldian baitzeuden– Derribos Arias taldearen omenezko kontzertu laburra bukatu eta gero, jada Ernest Lluch izeneko kultur etxetik kanpo ginela, Anoetako gau euritsuan. ETAk hiriaren beste muturrean 1980an leherrarazi zuen pub hura, El Huerto izenekoa, Trinitate Plazan, Donostiako mobidaren zilborra omen zena… eta kontzertutxoaren aurretik aurkeztu zuten Derribos Arias: Licencia para Aberrar –Carlos Rego kazetari ourensearrak idatzitako– liburuaren osteko solasaldian, Trantsizioko Kulturaren nolabaiteko aldarrikapena ere entzun genuen, esan nahi baita, RRVaren kitsch-a denaz jabetu aurretikoaz. Donostia cool –avant la lettre – eta zulatuezin hartan, hiritar moderno eta ezin burgesago haien –gure ikuspegi ezinago estereotipatuan– urrezko kabia. Probintziako mukizuontzat, esan nahi dut. Gerora imajinatu ahal izan dut, demagun kontzertuan bertan zen Alejo Alberdi bera, Ivan zine zuzendariarena bezalako villa dekadente batean bizitzen, hura ere Ondarretara begira. Badakizue, Rafa Berriok handik hogeita hamar urtera idatziriko kanturako pertsonaiak: nire lagunak, abizenez kargaturiko jende hori. Groseko musikariak ekin zion erronkari: Derribos Arias-en zortzi kanturik onenak –bere ustetan– zuzenean ematea. Baxuan Ikerne Jimenez, Alaskaren ohiko musikaria. Haurdun ageri zen bilbotarra, sekulako bonboaz, irudi post-warholiano ikusgarrian. Gitarrarekin, Iñaki Huarte "Fisuras", new-wave eszena hartako klasiko bat, indartsua eta sentibera. Baterian, Zumaiako Nagore Etxabe gaztea, riot-grrrl itxuradun danbor-jotzaile dohatsua. A-Fluor- ekin hasi ziren, ondoren Quién hay entzun genuen. Derribos Arias sekula santan sonatu ez zen gisan, xuxurlatu zidan Montoiak. Ondoegi, esan nahiko zidan. Sendo nahiz fidel, ene ustetan. Poch zenaren dramaturgian nahastu gabe, baina haren kantuetan zetzan dramari eutsita. Derribos-en maite genituen dekonstrukzioak oro, hala musikan nola hitzetan. Espainolezko "aberrar" hura, euskarazko "aberri" honetatik aldi berean hain gertu eta hain urrun.   Itxuraz azkenean artikulatu da ezker abertzalearen estetikari buruzko kritika post moduko zerbait, ikus Maia, ikus Gure Esku Dago, baina noski, haren ernamuina egun hain deitoratua ageri den Trantsizioko Kultura delako hartan zegoen. Gertatzen dena da hura guztia oso espainola zela eta hango batzuk, euskaldunak ere baginenez, ba gero isildu egin ginela, folklorearekiko errespetuz. Ezagun denez, salbuespen bakarrenetarikoa, Montoia bera (M-ak). Baina tira, Berriok berak esango lukeen moduan, ya qué importa quiénes fuimos (Este Album, 1971, Warner).
news
argia-a6e31f6fba2e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/fikzioa-eta-kazetaritza-elkartzen-diren-lekuan.html
Fikzioa eta kazetaritza elkartzen diren lekuan
Lander Arretxea
2016-05-01 00:00:00
Fikzioa eta kazetaritza elkartzen diren lekuan Kazetaritza eta literatura. Literatura eta kazetaritza. Truman Capotek 'Odol hotzean' idatzi zuenetik 50 urte pasa badira ere, tarteka indar berriz agertzen den eztabaida da: non hasten da bata eta non bestea? Bada biak bereizten dituen muga zalantza ezinik? Galderoi eman zaizkion erantzunei begira jarri gara. "Kazetaritza informazioa da, objektibotasuna; literatura, aldiz, sormena, fikzioa". Bata eta bestea guztiz kontrako mutur gisa irudikatzen dituzten baieztapenak entzun daitezke oraindik Gizarte Zientzien Fakultateetan. Baina informazio hotz hutsetik harago doazen kazetaritza testuak ugaritu diren honetan, eta literatur generoen arteko mugak ere difuminatu samar ageri zaizkigunean, ohikoa da bereizketa erabateko hori zalantzan jartzea. Ez da kontu berria. 1966an argitaratu zuen Truman Capote idazle eta kazetariak Odol hotzean , Kansasen (AEB) eraildako familia baten kasuan oinarritutako errelatoa. "Fikziorik gabeko nobela" etiketa jarri zion, eta geroztik, eztabaidari heltzen zaion bakoitzean derrigor aipatzen den liburua da. Ez da gutxitan gertatzen. Dela lehengai berbera –hitza– erabiltzen dutelako, dela maiz formatu berean ikusten dutelako argia, aldiro-aldiro pizten da kazetaritza eta literaturaren arteko mugak definitu edo auzitan jartzeko grina. Bai behintzat, batean zein bestean jarduten dutenen artean. Euskal Herrian bertan, luzea eta oparoa da modu batean edo bestean idazle ere badiren kazetariek eta kazetari lanetan aritu diren idazleek osatzen duten zerrenda:  Garbiñe Ubeda, Juan Luis Zabala, Arantxa Iturbe, Lorea Agirre, Alberto Barandiaran, Laura Mintegi, Imanol Murua, Danele Sarriugarte… Muinoari mendi esatea Zerrenda luze horretako kide da Iñigo Astiz ere. Berriako kultur kazetaria izateaz gain, Baita hondakinak ere (2012, Susa) poema liburua du argitaratua. Kazetaritza eta literaturaren arteko mugaz galdetuta, AEBetako Robert Laxalt euskal idazle eta kazetariak kontatzen duen anekdota dakar gogora. National Geographic aldizkarirako hainbat artikulu idatzi zituen Laxaltek, eta ezadostasunak izan zituen aldizkarirako idatzitako artikulu guztien datuak egiaztatzen zituen ikertzaile taldearekin. Artikulu batean ondorengo paragrafoa idatzi zuen Laxaltek: "1539ko negu amaiera aldeko egun batez, Fray Marcos de Niza fraide esploratzaileak mendi batetik begira jarri, eta urrunean fabulazko Cibola hiria zena ikusi uste zuen". Ikerketa taldekoek telefonoz deitu zuten paragrafo horregatik kexu. "Nizaren egunerokoak errepasatzen aritu gara. Nahiz eta lurrean elurra zegoen, ez gaude ziur benetan negua zenik esan dezakegunik, ez eta ikusleku hori menditzat jo daitekeenik ere". Hori entzunda, Laxaltek kontraproposamena egin zion: "Jar ezazue orduan, '1539ko negu eta udaberri arteko egun batez' begiratu zuela 'muino altu batetik'". Haserretu egin zitzaion ikertzailea: "Lau ikertzaile izan ditut astebetez pasarte horretan lanean, eta zu haien esfortzua gutxiesten ari zara lizentzia poetiko horiekin". Kontakizun horrek erakusten du, Astizen ustetan, bereizketa egiteko gakoa zein den: "Kazetaritzan ezin duzu muinoa mendi bilakatu, eta literaturan muinoa izan daiteke mendi; kazetaritzan errealitatearekikoa da zure konpromisoa, eta literaturan testuak sortzen duen errealitate edo ahotsarekikoa".  Erreportaje literario eta libreenetan ere klabea hori bera dela uste du, muinoari muino deitzea, mendia ederrago geratuko bada ere. "Noski, errealitate guztiak ez dira muino bat edo mendi bat bezain konprobagarriak, eta, adibide bat jartzearren, lausoa da aldea zure elkarrizketatu bati erantzun batean begiak malkoz bete zaizkiola susmatzetik, begiak malkoz bete zaizkiola ziurtatu ahal izatera. Halakoetan beti dago arriskua, baina darabilzun lehengaia errespetuz tratatzea da gakoa". Are, gairen bat literatur puntu batekin lantzeko "zortea" duenean, normalean baino murgilketa sakonagoa egiten duela dio, ziurtasun handiagoa behar baitu bere buruari teklatuan libreago aritu ahal izateko lizentzia onartzeko. Astizen iritzi bertsukoa da Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria ere. Hala zioen, bederen, 2005ean EHUk plazaratutako Kazetaritza euskaraz: oraina eta geroa liburuan bildutako Kazetaria ez da Jainkoa artikuluan, artean Berriako kazetaria zela: "Idazleak, dena konta dezake. Eta hilketaren lekuan enbarazu egiten dion auto bat badago kendu egingo du inori konturik eman beharrik gabe. Idazlea jainkoa baita bere fikziozko erresuman. Pertsonaiak sortu, jantzi, moldatu, hitz eginarazi, hil… edozer egin dezake. Kazetariak, ez. Kazetaria ez da jainkoa, askok hala pentsatuko badu ere". Postfikzioa: muga hain argi ez dagoenean Eskuartean dugun eztabaidari bete-betean heldu dionik bada, Karmelo Landa EHUko irakaslea da hori. Kazetaritza eta literatura elkarlanean artikuluan, bien arteko muga lausoa dela iradokitzen duten hainbat gogoeta bildu zituen. Kazetariaren objektibo izateko gaitasuna zalantzan jartzen duten zenbait aipuz gain, "postfikzioa"-ren kontzeptua zekarren mahai gainera. Bertan azaltzen duenez, lan dokumentala eta literaturaren prozedurak elkarlotzen dituzten testuak dira "postfikzioa" etiketak barnebiltzen dituenak, eta fikzio-ez fikzio muga zalantzan jartzen dute. Metafora eta konparazio ausartak erabiltzeak ezaugarritzen dituela zioen, eta egunkarietan argitaratu eta bertan toki finkoa lortzen badute ere, literaturaren baliabide espezifikoak mantentzen dituztela. Egun Hekimeneko zuzendaria den Alberto Barandiaranen adibidea esanguratsua da. Kronika eta fikzioaren arteko lur nahasietan garatutako hainbat lan plazaratu ditu: Ez zaigu ahaztu (Susa, 1998) Gaizkileen Faktoria (Euskaldunon Egunkaria, 2000) eta Post-kronikak (Elkar, 2009) besteak beste. Lehenengo biak idaztean izandako korapilo eta barne-gatazken berri emateko prestatutako hitzaldian, hala zioen: "Bi liburu hauek kazetaritzatik sortu dira. Erreportajeak izan dira sorreran. Liburu bihurtu ziren gero, norbaitek esan zidalako luzatu zitezkeela, merezi zuela artikulu bat baino gehiago: baina baita, nik ikusi nuelako bazegoela istorio bat kontatzeko". Abiapuntu hori izanda ere, liburuok literatura direla defendatu zuen hitzaldi hartan, eta ez dela beldurrik izan behar zenbait kazetaritza lanen literatur izaera onartzeko. "Erreportajeak askatasuna ematen du nahi denaz nahi den bezala idazteko. Sinetsi ezin daitekeena kontatzeko. Alegia, sortzeko. Eta literatura sormen idatzia da, ezta? Zergatik dago horrenbeste erreparo egun egiten diren hainbat lani literaturaren abizena emateko? Zer da, paperarengatik? Egunkarian ateratzen direlako?". Baieztapen borobil honekin amaitu zuen Barandiaranek hitzaldi hura:  "Erreportajea genero literarioa da dudarik gabe. Urgentziazko literatura, alegia".
news
argia-b5342016085c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2505/la-fete-est-finie-dokumentala-euskaratu-du-argiak.html
Donostian festa hasi besterik ez da egin
Itsaso Zubiria Etxeberria
2016-05-01 00:00:00
Donostian festa hasi besterik ez da egin Burura datozkit Herreran turista chicak erakartzeko zentro komertziala, Loiolako bizilagunek puntako ikuskizunez gozatzeko antzoki ederra, edo Alde Zaharrean euskal gastronomia modernoenarekin esperimentatzeko gune berezitua. Kulturaren aitzakian gerturatuko diren bisitarien begietara itxuratu beharko genuke pixka bat hiriburua, ezta? Antzerako zerbait egin zuten Marseillan 2013an, Kultur Hiriburutzaren urtean. Total, zer egingo dugu, bada, erdi utzita dauden auzo zaharkituekin? Atzerritar txiroak erakartzeko bakarrik daude gune horiek, eta gu, hiriburuko jende "garbia" dirua galtzen ari gara auzo horietan eraiki ahal eta egiten ez dugunarekin. La fête est finie (Festa amaitu da) dokumental frantsesean ondo azaltzen dute Marseillaren historia hori, 2013ko Europako Kultur Hiriburutzak ekarritako transformazio urbanistikoarena, hiriaren paisaia aldaketarena, betiko portu industriala turistak paseatzeko gune bilakatzearena, auzo zaharrak hustu eta bizilagunak leku oraindik-eta baztertuagoetara desplazatzearena, bazterretatik hiriaren erdigunera datorren jendea zaintzeko kontrol polizialen areagotzearena... Nola zen hori? Ah, bai, gen-tri-fi-ka-zi-o-a. Troiako zaldiarekin egiten duen konparaketa gustatu zait asko: Europako Kultur Hiriburutza opari eder bat bezala entregatzen dizute, baina behin hirian sartutakoan... Nicolas Burlaud zuzendariak oinarrizko errekurtsoekin osatutako dokumentala euskaratu du ARGIAk, Donostiako Kultur Hiriburutzaren inguruan eztabaida sustatzeko sortutako Donostiaren 2016 ertzak egitasmoaren barruan. Antiguo auzoko Txantxarreka Gaztetxean egin da lehen emanaldia, baina ez da bakarra izango; eta asko Donostian bertan eskainiko badira ere, herri guztietarako da baliagarri, kulturaren eta kolpe urbanistikoaren gaia mahai gainean jartzeko.
news
argia-00ac2c3b17b7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/zutik-jausi-da-katuaeta-bizirik-atera-da.html
Zutik jausi da katua...eta bizirik atera da
Xabier Letona
2016-01-17 00:00:00
Zutik jausi da katua...eta bizirik atera da KATALUNIA WaRS VII-REN errodajea amaitu zen larunbat arratsaldean Bartzelonan eta biharamunean estreinatu zen Kataluniako Legebiltzarrean, ezusteko aktore berria eta guzti: Carles Puigdemont, Generalitateko lehendakari berria. Epika, glamourra, poza, ikusmina… dena nahastu zen hainbeste esperotako filmaren lehen fotogrametan. Garrantzitsuena, ordea, filmak aurrera begira iragarritako jarraipena izan zen: Erresistentziak batasuna berregin du Lehen Ordenaren asmo inperialen aurrean eta lider berriak askatasunaren aldeko borrokan "arima uzteko" prestutasuna agertu du. Kontaketa egiteko modu bat da, esan zitekeen baita ere Kataluniako zirkoko akrobatek mundua –gure mundutxoa– asaldatu dutela euren akrobazia ikaragarriekin. Katuaren zazpi bizitzak nola, Kataluniako prozesua hala: 2009an lehen manifestazio erraldoia egin zenetik behin eta berriro iragarri da haren amaiera eta honek eutsi, bai Artur Masek, bai erreferendumak, bai mobilizazio ahalmenak, hauteskundeak… independentziaren atarian jartzeraino. Atarian? Inork ez daki, horretarako filmaren VIII. edo IX. kapitulua ikusi beharko dugu. Baina katalan independentistak atari horretan kokatu dira, eta hori da autonomiaren marra gainditzeko lehen baldintza. Begirakunearen arabera fikzioa eta errealitatea nahasten diren prozesu honetan orain arteko unerik korapilatsuenean jarriko dira independentistak. Hamazortzi hilabeteko jarduna izango du gobernuak eta marra gorri ugari gaindituko ditu. 2014ko "kartoizko erreferendum" harekin gurutzatu zuen lehen marra Generalitateak eta hark Mariano Rajoyren laissez faire politikaren amaiera ekarri zuen. Estatua bestelako jarreretarako prestatu da jada. Igandean Miquel Iceta PSCko buruak argi ihardetsi zion Puigdemonti Parlament-ean: Espainiak legearekin erantzuten duenean, ez da "ez elkartasunik, ez errukirik" izango. Errepika dezagun galdera, baina: independentziaren atarian? Bai eta ez, eta klabe nagusia izango da gizartean sostengu berriak irabazteko gai diren ala ez. Horretan datza Gobernuaren ahaleginik handiena datorren hilabeteetan: independentzia prozesuarekin jarraitu, azken hauteskundeetan lortutako %48a gainditzeko. Gaur egungo Legebiltzarrak legitimitate osoa du prozesu hori bideratzeko, baina ez du nahikoa izango %50a gainditzen ez badu. Hor da azken hiru hilabeteetan CUP eta Junts Pel Síren arteko gako nagusietakoa: nola lortzen da hori, En Comúk biltzen duen esparru antikapitalista horretan arrantzan edo Katalunian nagusi den zentro-ezkerra horretan gehiago arakatuta? Lortutako akordioaren muinak sintesia azpimarratzen du: ahal den toki guztietatik. Bistan da prozesu independentistak 18 hilabete baino gehiago iraungo duela, Espainiarekin erreferenduma egiteko akordiorik ez bada bederen, baina une honetan, denak adierazten du Madrilen ez dela oraindik agertu halakorik bideratzeko seme-alabarik. Hiru lanabes sendo ditu fronte independentistak: lehena gutxieneko estatu egitura berriak prestatzea da; horrek Madrilekiko konfrontazioa ekarriko dio, hots, bigarren lanabesa, gaur gaurkoz independentziaren garra elikatzeko erregai garrantzitsuena, tentsioa izugarri goratuko baita; hirugarrena gobernagarritasuna da, austerizidioak ekarritako miseria bideraezina da hilabete edo urte gutxitan, baina jar daitezke horretarako bideak, eta herritarrak aldaketa zantzuak ikusten baditu, beste arma garrantzitsua izan daiteke. Noraino iristeko, ordea? Indarrak metatu eta legezko erreferendumera. Etsigarria izan daiteke independentistarentzat, baina gaurkoz, eta indar harremanak kontuan hartuz, errealena dirudi. Posible da, halaber, independentzia aldarrikatzea eta Europar Batasuneko hainbat estatuk berau onartzea, baina une honetan hori sinesgaitzagoa da. Fikzioaren ondoren, txistearen unea izan daiteke egunotakoa. Badoa Puigdemont Zarzuelara eta esaten dio Erregeari: "Agur eta ohore Felipe, Kataluniako independentzia lortzeko gobernuaren lehendakari izenda nazazun etorri naiz...". (Jarraituko du)
news
argia-177e3b7bba74
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/dakar.html
Dakar
Joanes Etxebarria
2016-01-17 00:00:00
Dakar AFP agentzia ofizialaren arabera: 63. Webgune serios baten arabera: 71. Paris-Dakar lasterketak utzi dituen hilen zenbaketak dira. Utzi Frantzia eta utzi Afrika, eta Argentina eta Boliviako lurretan higatzen dira orain pneumatikoak. Edo, hobeki erranik, pneumatiko azpian higatzen da hango lurra orain, Afrikakoa beltz-beltza utzirik. Dakar.com helbidean aipatzen diren baloreetan "abentura humanoa" da lehena. Jatorri desberdineko lasterkariek hizkuntza bera mintzatzen dutela diote antolatzaileek. Hiru baloreetan bigarrena, "lasterketa extremoa" da. Biak elkarturik, eta hilen zerrenda gogoan, zer pentsatua ematen du jadanik. Hirugarren balorea, eta hilen zerrenda oraindik ere gogoan, "aurkikuntza". Hamarkadetan Afrikan lehenik, 2009az geroztik Hego Amerikan, ez dira gehiago belaontziak lur sakratuen aurkikuntza ziurtatzen dutenak, baizik eta errota gaineko motor indartsuak. Hilen zerrenda kasik ahantzarazi dezakeen informazio bat ere badu Dakar lasterketaren webguneak: ingurugiroan eragiten duen kaltea "konpentsatzen" baitu lasterketak. Hori nola egiten duen? Lasterketa bera bezala, diruarekin.
news
argia-2263542c2a69
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/galdutako-altxorraren-bila.html
Galdutako altxorraren bila
Irati Elorrieta
2016-01-17 00:00:00
Galdutako altxorraren bila Castillo Suarezen blogean irakurri dut: "Galdu egiten da haurtzaroa deserrian". Eta burutik kendu ezinik nabil. Uste dut, nik neuk idatzi izan dudala haurtzaroa dela norberaren aberria. Orain ez dakit deserrian galtzen den haurtzaroa, edo haurtzaroa galtzean geratzen den bat deserrian trabatuta. Biak izan litezke. Deserrian bizi ziren nire pertsonaia batzuek umeekin oso tematuta ziruditen, hori bai. Esango nuke, umeak direla deserrian norberaren haurtzaroa topatzeko bidea. Haien haurtzaroaren eskutik berreskuratu daiteke norberarena, urruneko lurralde batean galdutakoa. (Hitz hauetan norbaitek umeak izateko apologia irakurri nahi balu, oharra: Umeek ez dute zertan norberarenak izan behar). Nik karratu zuri-gorriak zituen poltsa batean galdu nuen lehen haurtzaroa etxe-aldaketa batean. Edo poltsa harekin. Poltsa hartan zer zegoen, intuizioak esaten dit: liburuak. Astiro-astiro egiten ditut loturak. Katarsia duela urte bat izan nuen, Bilbon euskarara itzulitako animaziozko film frantses bat semearekin ikusten nengoela: Ernest & Celestine. Pantailako irudi haiek –trazu arin batekin dantzan– eta pertsonaia haiek ezagutzen nituen. Nire memorian zeuden. Nire barruan. Etxean egoteko Ernesten bata eta Celestineren euritakoak aurkitu nituen, altxor handi baten lehen bitxiak aurkitu izan banitu bezala. Ernest hartzak eta Celestine saguak beste izen bat zuten nik –eta nire belaunaldiko haur askok– izandako Gabrielle Vincenten liburu euskaratuetan. Zesar eta Ernestinaren ipuinak poltsa zuri-gorrian galdu nituela jakin nuen Bilboko zinemako areto ilunean (akaso baten batek gordeta izango ditu). Beste agerpen bat izan nuen geroago Berlinen, orduko hartan, Danimarkako animaziozko film bat ikusten. Filmak aurrera egin ahala, eta umeek horman marraztu zuten errinozerontea gorpuztuaz batera, borratuta zirudien liburu baten istorioak gorputza hartu zuen nire barruan. Nagusiago nintzeneko beste liburu bat agertu zitzaidan, Otto errinozerontea da , berriz ere ustekabean. Galdutako altxorrak aurkituz noan heinean, umetan irentsitako istorioen kalitatearen kontzientzia ere hartu dut. Itzulpen haiekin Europako haur literatura jarri ziguten eskuetan. Eta orduan hainbat klasiko irakurri gabe geratu banintzen, orain, umeekin, galdutako haurtzaroa berreskuratzeaz gain, bigarren haurtzaro alternatibo bat sortzeko aukera ere badaukat. (Bide batez, deserrian aberri berri bat eraikitzeko aukera ere badena). Azkenik. Astrid Lindgrenen istorioak irakurtzeko okasioa! Laster etorriko da Mariasun Landaren liburuen txanda ere bai! Noski, interes propioen arabera aukeratzen ditut umeei irakurtzen dizkiedan liburuak eta haiekin ikusten ditudan filmak. Baina proposamenak ere gustura onartzen ditut. (Seguruenez Star Wars ikusi beharko dut). Eta elkarrekin egiten dugu bidaia, abentura. Elkarrekin egiten dugu barre. Hitz egiten dugu gauza tristeez ere bai, gerraz adibidez. Izan direnez eta egun direnez. (Ezin utzi gaiari buruzko bi libururen gomendioa egin gabe: Leire Bilbaoren Gerrak ez du izenik eta Claude Duboisen Akim ihesi ). Gauetan, haur literaturako saioen ostean, denbora eta energia gutxi geratzen zait beste irakurketa mota batentzako. Edo irakurketarekin zerikusirik ez duten, baina gauerako utzitako beste egitekoetarako. Baina aberria (ber)eraikitzeko duenak nekeak hartu behar dituela edozein euskaldunek ulertuko duelakoan nago...
news
argia-2d3e63b3980e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/benat-gaztelumendi-arandia.html
"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea"
Kepa Matxain
2016-01-17 00:00:00
"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea" Oraindik ez da aparretatik jaitsi, goizegi da Gipuzkoako txapeldun berri izateak zertan eragin dion tentuz aztertzeko. Hori jakinda, finalaz ahalik eta gutxien eta bertsolaritzaz ahalik eta gehien hitz egiten saiatu gara. Atera diren gaiak: belaunaldi berria, kolektibotasuna edota bertsolarien inertziak, besteak beste. "Ajearekin erantzun zitian finalari buruzko galderak. Gutxienez burua argi duela erantzun ditzala finalaren ajeari buruzkoak". Inesen ahotsa mintzo zitzaidan, ohi bezala, aholkuaren eta sermoiaren arteko marra fin horretatik. "Hobeto pentsatuta, galde iezaiok edozertaz finalaz izan ezik. Eraman ezak gustura sentituko den toki batera, Añorgako mendialde horretan bazaudek makina bat. Zergatik ez duk probatzen, adibidez, Lukainkategi erretegiarekin? Bere jaiotetxetik 50 metro eskasera zagok, eta badakik zer, lehengoan Jakoba Errekondo topatu nian bertan. Hura joaten bada toki ona izango duk, ziur. Ba al dakik nondik datorren Lukainkategi izena? Istorio polita duk. Ostiral Santu batez bertako Praxku in fraganti harrapatu omen zitean lukainka puska bat jaten, eta geroztik...". Gauza gutxi dago belarri-ertzeko marmar etengabea baino gogaikarriagorik. Isiltzeko, otoi, agindu nion Inesi, baina ez zegoen Inesik inguruan. Haren ordez, Beñat Gaztelumendi eta grabagailu piztu bat neuzkan aurrean, lehenengo galdera noiz egingo zain.   Munduari kantatzeko zure tokia topatu omen duzu txapelketa honetan. Ahots propioa. Nola lortzen du hori bertsolari batek? Bertsoak bi ezaugarri ditu: teknika –neurriz eta errimaz osatua– eta hor barruan sartzen duzun edukia. Lotuta dauden arren, bi lanketa desberdin dira. Teknika denok antzera ikasten dugu bertso-eskolan: errima zerrendak eginez, doinuak landuz... Beti egongo dira bertsolari teknikoagoak, baina txapelketan gabiltzan guztiok daukagu esan nahi duguna esateko gutxiengo teknika. Auzia da teknika hori zertarako erabiltzen duzun. Bertsoa da esan nahi duzun hori esaten saiatzea, jakinda ez duzula inoiz lortuko, teknikoki ez zarelako iritsiko, aukeratzen dituzun hitzek ez dutelako esango justu zuk buruan zeneukana, hitzek beren pisu ideologiko propioa dutelako. Txapelketan saiatu naiz une honetan mundua ikusteko daukadan posiziotik kantatzen, esan nahi nuen horretatik ahalik eta hurbilen. Saiatu naiz gaiei ertzak bilatzen, pertsonaien larruan sartzen, ahalik eta bertso errealistenak osatzen, apaingarririk gabeak. Zeure buruarekin etengabe borrokan aritzea da bertsoa, eta, normalean, zuk galtzen duzu. Badago, orduan, esan nahi duzunari buruzko aurre gogoeta bat. Bertsolaria igaro al da modu intuitiboago batean kantatzetik modu premeditatuago batean kantatzera? Zer esan nahi dudan baino gehiago da nondik esan nahi dudan. Ahalik eta garbien edukitzea munduan non gauden kokatuta, nondik ari garen hitz egiten. Bertsotan hastean ez dut pentsatzen "mezu hau bota nahi dut". Bertsolariek oro har ez dute hori egiten, eta, egingo balute, ez litzateke ona. Egia da bertsokera aldatzen ari dela: lehen bukaerak gehiago kargatzen ziren, arrazoi absolutuagoak kantatzeko joera zegoen. Orain, diskurtso potolo bat bota beharrean, diskurtso horren ertzak bilatzera jotzen da, arrazoi maiestatikoak albora utzita. Inertziek hor jarraitzen dute, noski, eta are indartsuagoak dira txapelketan: hainbeste lagun aurrean edukitzeak nahi gabe eramaten zaitu arrazoi zabalak botatzera, ahal den jende gehien kabitzeko. Baina arrazoi zabal horien ertzak bilatzean ari naiz benetan ondo. Hori da gutxitan lortzen dudana, eta benetan egin nahiko nukeena.   Aipatu dituzun ezaugarriak orokortu al daitezke, gutxi asko, zure belaunaldira? Belaunaldi berriak nola kantatzen duen ez dakit. Agin Laburuk modu batera, Alaia Martinek beste era batera... Kritiketan aipatu zen Alaiak eta biok antzera heldu geniola kartzelakoari, eta izan daiteke, baina plazan nabaritzen dira desberdintasunak. Belaunaldiez aritzea baino interesgarriagoa da bakoitzak bere ekarpena egitea, barrura begiratuz eta bertsolaritza ikusteko leku desberdin bat topatuz.   Bertsolariaren ikuspuntutik bai, ziur asko, baina kritikariarenetik joera orokorrei erreparatzea da benetan interesgarria. Kasu isolatuetan oinarrituta zaila da kritikarako elementuak sortzen.   Bai, eta Gipuzkoako Txapelketa honek eman ditu irakurketa globalagoak: adibidez, ia ez zaio kantatu euskal gatazkari, presoak ez dira ia aipatu ere egin. Tematika aldatu da, batetik, jarri diren gaiek oso gutxitan ukitu dutelako hori, eta, bestetik, gai irekietan –kartzelakoetan, esaterako–, bertsolariari hautatzea egokitu zaionean, ez duelako hortik jo. Aldiz, asko kantatu zaie bikote harremanei, familia barrukoei, lagun artekoei... Ez da bertsolaritzaren kontua bakarrik, gizartea aldatu da. Belaunaldien arteko harremana ulertzeko modua –zaharrek gazteei lekukoa pasatzea, mugimenduaren jarraikortasuna azpimarratzea– eta horrek berarekin dakarren kultur teorizazioa –transmisioaren ideia, eta abar– oso zabaldua eta konpartitua da bertsolaritzan. Euskal kulturgintzako eredu apropos bezala jarri ohi da maiz. Iruditzen zaizu beste kultur diziplinetara esportagarria dela? Diziplina bakoitzak du bere kodea. Bertsolaritzaren kodea oso aproposa da transmisio horretarako, sorkuntza prozesua bera elkarbanatzen dugulako: belaunaldi eta mundu ikuskera oso desberdineko jendea gabiltza oholtza berean, eta behartuta gaude denon artean saioak eraikitzera. Bestalde, bertsolaritza ezin da beste hizkuntza batean egin, euskaraz izan behar du derrigor, eta horrek ere asko errazten du. Bertsolaritza eredutzat jartze hori ez dut uste guregandik datorrenik, nik behintzat ez dut horrela bizi. Are gehiago, ez zait gustatzen bertsolaritza kultur eredu esportagarritzat saltzen denean, ez zaidalako iruditzen hala behar lukeenik. Diziplina bakoitzak bere erara funtzionatu behar luke, bere kodeen arabera, bere beharren arabera. Uste dut diziplinen arteko zubi gehiago eraiki behar genituzkeela, eta horretarako ez da ona inor eredu bezala jartzea. Finalaren osteko elkarrizketetan asko azpimarratu duzu bertsolaritzaren balio kolektiboa, beti konnotazio positiboz. Bururatzen zaizu kolektibotasun horrek izan dezakeen arriskurik? Kolektibo izateak badu arriskua politikoki zuzenera erortzekoa, edo mugimendua jartzekoa sortzaile bezala izan ditzakezun asmoen gainetik. Dena dela, kolektibotasuna eta norberekotasuna lotuta doaz beti. Bertsoa ez da kolektiboa bakarrik. Nik, adibidez, oso intimoki bizi dut bertsoa, nire esperientziei oso lotua. Baina bertsolaritza zerbait pertsonal bezala ulertzea ere ez da zuzena, hankamotz geratzen da mugimendurik gabe. Ilunben 7.000 lagun hunkitzen direnean, ez dira soilik hunkitzen entzun duten bertsoa barruraino iritsi zaielako, baita ere seguru asko lau urtean ez dutelako aukerarik izan halako nukleo batean biltzeko, euskara hutsezko ekitaldi batean. Ezin dira bi gauzak bereizi. Bertsogintza ezin da ulertu bertsolaritza gabe. Unai Gaztelumendi Bertso batek, ona izateko, besteak beste entzulearengana iritsi behar duela esan izan duzu. Entzulearengana iristeko modu asko daude, ordea, eta horietako bat izan daiteke hura deseroso sentiaraztea, bere balioak eta usteak zalantzan jartzen saiatzea. Irudipena daukat ez dela hainbestetan hartzen bide hori. Batzuetan zaila da barruko inertziei aurre egitea. Bertso on batek erabaki hori du barnean, ea bertsolaria gai izan den aukeratzeko publikoak eroso entzungo duen zerbait kantatu nahi duen ala zerbait deserosoa. Erabaki hori inertziaz hartzen denean nabarmen gelditzen da. Bururatzen zaizkit, hala ere, une deserosoen adibide batzuk: 1997an, Donostiako Belodromoan, Jon Maiari eta Unai Iturriagari jarri zieten gai bat, gutxi gorabehera zioena: "Zuek bi neska zarete, orain arte oso lagunak. Orain, ohartu zarete lagunak baino zerbait gehiago zaretela". Gaia entzundakoan publikoa barrez hasi zen. Jon Maiak lehen bertsoa bukatu zuen esanez "ez dut ulertzen zergatik ari zareten denok barrez". Badago hor bide bat bertsolaritzarentzat: kilimak eragiten saiatzea, eraikitako ideia batzuk kolokan jartzen saiatzea. Ahalegindu behar genuke horretan, beti ere kontuan edukita gaia entzun eta hamar segundotara hasi beharra dagoela kantuan. Baina badaude kasu gehiago. Ez dut uste, adibidez, Maialen Lujanbiok BECen gauza erosoak kantatu zituenik gai gehienetan. Ziur asko azken urteotan ahots deseroso nabarmenenak feminismotik etorri dira. Haiek ausartu dira komunitate baten balioak hankaz gora jartzen, asko oso deseroso sentiaraziz. Bai. Gauza asko daude birpentsatzeko: adibidez, gizonok tratu txarrei buruz kantatzen dugunean emakumearen larrutik egin ohi dugu beti. Beti gizonetik kantatzen dugu, eta emakumetik aritzea justu biktima garenean, "emakumea" eta "biktima" lotuz, arriskutsua iruditzen zait. Kartzelako batean, interesgarria litzateke gizon batek tratu txar emaile baten paperetik kantatzea. Nola pasa zara kolpetik halako zerbait egitera? Botere harreman hori nola eraiki duzu? Noski, hori hiru bertsotan azaltzeko oso ona izan behar duzu –Unai Iturriagak egin zuen BECen 2009an–. Hor espektro handi bat zabaltzen da kantatzeko. Bidea urratzeko, ordea, zeure buruarekin oso seguru egon behar duzu. Zalantzak baldin badituzu ea gai izango zaren hiru bertsotan hori egiteko, zaila da hortik jotzea. Balio handiko ahalegina litzateke, baina jaialdi batean egiteko errazagoa. Jaialdietan aurpegiak ikusten dituzu, badakizu noraino jarrai dezakezun tenkatze horretan. Txapelketako hasierako sentsazioa beldurra izaten da, ez erortzen saiatzea, eta hortik zaila da deserosotasuna bilatzea. Baina badaukat gogoa saiatzeko. Segurtasun hori bilatu nahi nuke.
news
argia-de5fac3c247c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/garezurra-eskuan-izan-ala-ez-izan.html
Garezurra eskuan izan ala ez izan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-01-17 00:00:00
Garezurra eskuan izan ala ez izan Hamletek "izan ala ez izan" dioenean, hirugarren ekitaldiko lehen eszenan, printze daniarra bere gazteluan dago, eta ez du garezurrik eskutan. Garezurraren pasartea bosgarren ekitaldiko lehen eszenakoa da. Hamlet hilerri batean dago, gorteko bufoi eta txikitako lagun Yoricken burezurra eskuan, eta heriotzaz zein denboraren joanaz hausnartzen du, lagunaren bertuteak gogoratzeaz batera. Obraren irudi indartsuenetakoa izanik, Hamlet maiz garezurrarekin irudikatu izan da koadro eta karteletan.  Beraz, pasarteen artean bi ekitaldi osoko aldea dago. Baina denboraren poderioz, Hamleten esaldi ezagunenak eta irudi zabalduenak bat egin dute imajinario kolektiboan.
news
argia-223442066e2d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/trauma-mamu-ilunpeetan-barrena.html
Trauma, mamu, ilunpeetan barrena
Saioa Ruiz Gonzalez
2016-01-17 00:00:00
Trauma, mamu, ilunpeetan barrena Ilunpeen bihotzean Joseph Conrad Itzultzailea: Iñaki Ibañez Elkar, 2014 Ilunpeen bihotzean (Heart of Darkness) , institutuan, ez dakit zein ikasgairako derrigorrezko irakurketa zen. Hamasei urteko gazteentzako gehiegizkoa ene usterako. Oraindik gogoratzen dut nola irakasleak esaten zigun Joseph Conrad literaturako klasiko bat zela, horrek liburua erakargarriago egingo balu bezala. Garai hartan nik ez nekien zeri deitzen zitzaion klasiko bat, baina berehala konturatu nintzen hitzak pisu berezia ematen ziola liburuari. Bi, hiru irakurketen ostean ezer ere ulertu gabe jarraitzen nuen eta horrek izugarrizko presioa eragin zidan. Klasiko bat ez ulertzearen kulpabilizazioa gogoratzen dut, beranduago idazlearekiko gorrotoa bilakatu zena. Pasadizo traumatiko horri esker gazteei literatura planteatzeko moduaz asko ikasi nuen, baina idazlearekiko errefusa ez dut oraindik gainditu. Hemen naiz aspaldiko partez traumari aurre egin nahian. Logikoki kontaktua bestelakoa izan da oraingoan. Esperientzia bitalak eragin ukaezina du asimilazioan, ulermenean eta, batez ere, gustu kontuetan. Beste hitzetan esateko, klasikoen irakurketek ez dute zertan derrigorrezkoak izan behar, eta askoz gutxiago ere nahi eta nahi ez gustagarriak. Horregatik, kontuz ibili behar dugu kontzeptu teorikoegien erabilerarekin, bereziki gazteen aurrean. Niri dagokidanez, bai, esan dezaket trauma gainditu dudala, iritzi teorikoei beldurra galtzeari esker. Gauzak horrela, esan gabe doa Ilunpeen bihotzean irakurri dudan Conrad-en liburu bakarra dela. Denok daukagu argumentuaren nola edo halako ideia bat, eleberrian oinarri sendoa duen Coppolaren Apocalypse Now filmari esker. XIX. mende amaieran kokatzen gaitu, Marlowk dioen bezala, "lurraren konkista" garaia. Marlowk gidatutako belaontzi europarra Afrikan barneratzen da gaixorik dagoen Kurtz izeneko boli-komertziala ordezkatzeko. Kolonizazio okzidentalaren gehiegikeria eszenatoki hartuta, oro har, ilunpeetan jatorria duen gizakia eta zibilizazioaren arteko talkaz mintzo da. Oihanean barneratzea norbere mamuetan zehar bidaiatzea bezala da, descensus ad inferos deitu izan zaion motibo klasikoa, alderdi ilunenak ezagutzea alegia. Liburuaren konplikazioa psikologikoegia izatean datza hain zuzen ere; kontzientziaren leku ezkutuenetan (inkontzientea deitua ere) miatzeak eragiten duen ezinegona, estualdia eta, zenbaitetan, ingurukoarekiko haustura. Horregatik pentsatzen dut publiko adindun batentzako irakurketa aproposa dela, baina ez derrigorrezkoa. Norberak erabakitzen baitu bere ilunpeen bihotzean arakatzea.
news
argia-5fa4da01dbf5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/amaia-nausia-historialaria.html
"XVI. mendean, Nafarroan, emakumeok eskubidetan zertxobait aurrerago geunden beste herriekiko"
Reyes Ilintxeta
2016-01-17 00:00:00
"XVI. mendean, Nafarroan, emakumeok eskubidetan zertxobait aurrerago geunden beste herriekiko" Aro Modernoaren hasieratik hona zein izan diren feminitatearen idealak eta ordenamendu horretatik kanpo bizi izan diren emakumeek pairatu dituzten doktrinatze eta zigorrak aztertzen ditu Amaia Nausiak. Historialaria bokazioz? Gaztetatik argi nuen Historia ikasi nahi nuela, agian txikitatik ikastolan oso irakasle onak izan ditudalako, haien artean Joseba Asiron, oraingo Iruñeko alkatea. Ondoren, zortzi urte eman nituen Opuseko unibertsitatean, lizentziatura egiten lehenbizi eta tesia jarraian, eta berehala Historia Modernoarekin maitemindu nintzen. Departamentuko beka batekin aritu ondoren, Erasmus programarekin Sienara joan nintzen eta Pisako Unibertsitatean aritu nintzen urtebetez. Zein izan daiteke Eusko Ikaskuntzaren eginbeharra kasik 100 urte pasa eta gero? Eusko Ikaskuntza Euskal Herri mailako unibertsitaterik ez zegoenean sortu zen, hutsune hori betetzeko asmoz. Orain bere egitekoa zein den birpentsatu behar du. Beti izan da pentsalari, ikertzaile eta erakundeen topalekua eta horretarako gaitasuna du. Hala ere, gaur egun gaitasun hori izaten jarraitzen duela erakutsi behar du. Hasiera-hasieratik Hegoaldeko erakunde nagusiak izan dira ekimen honen bultzatzaileak eta Euskal Herriko lurralde guztiak ari dira elkarrekin. Izaera hori berez badu erakundeak, eta probestu behar dugu. Hemen, Nafarroan, Gobernu berriarekin hobeki? Harremana berreskuratu dugu behintzat. Barcinarekin eten bat izan zen. Orain lortu dugu Gobernuarekin harreman zuzena berreskuratzea. Gutxienez, ateak berriz zabalik daudela ikusten dugu. Historialari gisa beti emakumeen inguruan aritu izan zara? Historia interesatu zait beti, neure burua eta neure ingurua ulertzeko. Emakumea naizenez emakumea dut intereseko. Hasieran alargunen gaia hasi nintzen jorratzen, tesi zuzendariak hala proposatu zidalako. Ez nintzela feminista pentsatzen nuen, eta genero ikuspuntua erredukzionista iruditzen zitzaidan. Urteak pasa ahala, aldiz, konturatu naiz feminista naizela eta genero ikuspuntua oso garrantzitsua dela, horren arabera sailkatu gaituztelako beti Historian. Generoa eraikuntza dela ere ikusi dut argi eta garbi. Zergatik XVI. mendea? XVI. mendean aldaketa asko gertatu ziren eta gaur egungo gure gizartearen oinarri asko garai hartan finkatu ziren. Estatu modernoa eraikitzen hasi zen. Aro konfesionala deitzen zaio Estatua eta Eliza eskutik doazelako, eta orduan diziplinamendu garaia hasi zen. Erdi Arotik Aro Modernora pasatzen da. Erdi Aroan boterea sakabanatuta zegoen jauntxoen eskuetan eta XVI. mendean, nazio estatuak sortzen direnean, erregeak konturatzen dira haiek bereganatu behar dutela botere osoa. Hori hala izanda, aginte politikoa, ekonomikoa, militarra, erlijiosoa… biltzen hasten dira estatu sendo eta zentralizatua lortzeko asmoz. Familia oso garrantzitsua zen, familia bakoitza estatu txiki bat bezalakoa delako. Familiek ongi funtzionatzen badute estatuak ongi funtzionatuko du. Horretarako norberak oso garbi eduki behar du zein den bere egitekoa, eta emakumea beti agertu da gizonaren esanetara. Estatua hasten da markatzen zein izan behar duen emakumearen portaera alor publikoan eta pribatuan. Garai hartan ematen den emakumearen doktrinatze eta diziplinamendua oso bortitzak dira. Askoz lehenagotik datorren diskurtsoa bere egiten du gizarteak. Oso interesgarria da ikustea zer mekanismo jartzen dituzten martxan emakumea kontrolatzeko. Diskurtso horren arabera, emakumea arriskutsua da intelektualki ahulagoa delako, eta hori frogatzeko "medikuntza"-argudioak ematen dituzte. Juan Luis Vives moralista espainiarrak, adibidez, zioen emakume bat haurdun gelditzean, hazia hartzean, bere sabela bero bazegoen gizona sortuko zela, eta hotza egonez gero, emakumea. Hala borobiltzen zuen teoria: "Bero goririk ezean, sortzez ergelagoa da emakumea, izutiagoa, ahulagoa, eta zeregin txikiez arduratu behar du". Pertsona bati buruz ari garenean irakinaldi bat falta zaiola esaten dugunean, ideia hemendik dator, hain zuzen ere. Diskurtso paternalista sortzen da horrela. Jaungoikoak gizonari eman dio pentsatzeko gaitasuna eta horri esker bere pasioak kontrolatzeko gai da, baina emakumeak ergelagoak garenez, ezin ditugu gure pasioak kontrolatu eta horregatik beti egon behar dugu gizon baten menpe, aita lehenbizi eta senarra ondoren. Horregatik ziren alargunak horren arriskutsuak, ez baitzuten gizonik aldamenean eta gainera sexu harremanak ezagutzen zituzten. Emakumea gizartearen gaitz guztien jatorria? Bai. Diskurtso hori ez da berria. Pandora dugu kultura klasikoan, Eva kristautasunean, eta abar. XVI. mendean, betidanik ezarri izan den emakumeen gaineko kontrola areagotu zen, besterik ez. Idealak sortzen dira, eta horien arabera emakumeei kastitatea edo ama izatea proposatzen zaie. Ama Birjina ideal guztien gailurra da, birjina eta ama delako aldi berean. Oso interesgarria da ikustea nola batzuetan ideal horiek talka egiten duten Nafarroako emakumeen izaerarekin. Zertan talka? Gerra eta konkistaren ondoren Nafarroan alargun pila gelditu ziren. Egoera horrek zorigaitzez gain, aukera berriak ere ekarri ohi zizkien emakume horiei. Lehendabiziko aldiz askatasuna zuten etxeak, ondareak eta familiak kudeatzeko. Legearen aldetik hori babestu zen, nolabait. Nafarroan bi figura juridiko ezarri ziren: alarguntasuneko usufruktua eta ordainsaria edo dotea. Usufruktua gaur egun badago ere, –eta ez soilik emakumeentzat–, garai hartan aukera ematen zion emakumeari senarrarenak izandako ondare guztiak kudeatzeko. Baina horretarako baldintza batzuk bete behar zituen emakumeak: usufruktuaz gozatuko zuen alargun eta batere harreman sexualik gabe segitu bitartean. Beraz, alarguntza legearen bidez jokabide sexuala kontrolatzen zuten. Usufruktua gal zitekeen, modu berean, sorginkeria akusazioarengatik. Hori hala izanda, familien barne historia pila ikusten dira prozesuetan, batzuk oso gogorrak. Batzuetan, adibidez, semeek ama salatzen dute paretik kendu eta ondareak berenganatzeko. Usufruktua alarguna babesteko sortzen da, baina aldi berean familiaren batasuna bermatzeko. Horrela ziurtatzen da, hein batean, alarguna etxean geldituko dela seme-alabak zaintzen eta ez dela jabe berririk sartuko etxean. Nafarroatik kanpo ere gertatzen zen? Beste lurralde batzuetan ere bada, Katalunian eta Aragoin kasu. Baina hemen bada bigarren figura juridiko bat emakumearen rola are gehiago indartzen duena: ordainsaria edo dotea. Alargun gelditutakoan, emakumeak erabakitzen ahal du usufruktuaz gozatzea edo bere dotea berreskuratzea. Nafarroako berezitasuna zen saria oso-osorik berreskuratzen zela. Ez zuen senarraren familiari edo seme-alabei zati bat eman beharrik. Gorteek erabaki zuten emakumeak direla haien dotearen jabeak eta kudeatzeko eskubide osoa dutela. Hemengo emakumeei autonomia pittin bat gehiago ematen die Europako beste lurraldeekin alderatuta. Hor ikusten da emakumeen inguruko ideal handiek talka egiten dutela errealitatearekin. Idealek emakumeari apala izatea, mendekoa izatea, eskatzen diote, baina batzuetan errealitatean bere jokamoldea bestelakoa da eskubideak zituelako eta ohiturak pisu handia zuelako. Babestuago egon dira alargunak, beraz, Nafarroan? XVI. mendean, Nafarroan, emakumeok eskubidetan zertxobait  aurrerago geunden ohituraren pisuagatik bereziki. Ez ziren askeak, ezta gutxiagorik ere, baina Italia, Ingalaterra edo Gaztelan baino hobeki zeuden. Aragoirekin alderatuta ez zen alde handirik eta Holandako egoera ere parekoa zen. Askotan hitz egiten da euskal matriarkatu mitikoari buruz. Zuk kontatutakoak izan lezake eraginik izaera horretan? Ez. Patriarkatua gizonen nagusitasuna bada, matriarkatua emakumeena da eta Historian ez da halakorik ezagutu hemen. Matriarkatuan emakumeek agintea lukete eremu pribatuan eta instituzionalean, eta halakorik ez da inoiz gertatu izan. Jende askok, horretaz hitz egiten duenean, eremu pribatua baino ez du buruan. Etxe askotan amek agintzen dute, baina hori emakumeoi zaintzaren ardura egokitu zaigulako da, eta gainera, harrotasunez bizi izan dugu sinetsiz gure botere eremu naturala dela. Funtsean, emakumearen botere eredua mugatzeko modu bat da. Guk oso ongi egiten dugula eta gu gabe ez duela funtzionatuko esaten digute, baina tranpa bat besterik ez da. Birjinak edo putak sailkapena, azken 500 urteko kontu bera? Liburuan saiatu nintzen azaltzen nola Historian diskurtsoak oso antzekoak izan diren eta horretarako bi une historiko hartu nituen alderaketa egiteko: konkistaren garaia eta Gerra Zibilean, Pilar Primo de Riveraren hitzak. Hizkera aldatzen da, baina mezua ez. Zigortzeko mekanismoak ere antzekoak ziren: bazterketa eta zigorra. XVI. mendean "lotsa publikoa" egiten zen: emakumea asto gainean jarri biluzik eta kaleetan barna eramaten zuten, zartailuaz jotzen zuten eta bere bekatuen berri ematen zuen aurrean zihoan pregoilariak. Gerra garaian ere horrelako zerbait egiten zuten "gorriekin". Denok ikusi ditugu emakume kaskamotzak, errizino olioa edanda eta beherakoari eutsi ezinik, kalez kale eramanda, jendearen iseka eta oihuak pairatzen. Sorgin prozesu asko ere, zigor hutsak izan dira emakumeak, alargunak bereziki, doktrinatzeko eta diziplinatzeko. Eta gaur egun? Diskurtso horiek oso barneratuta ditugu gure DNAn. Nahiz eta feminista zarela pentsatu, barne kontraesan pila duzu. Amatasunarekin, adibidez. Adin batera iritsita ama ez bazara desnaturalizatua ikusten zaituzte askok. Ama bazara eta zure lanaren alde apustua egiten baduzu, gaizki, kapitalismoaren biktima zarelako. Alderantziz egiten baduzu eta etxean gelditzen bazara, patriarkatuaren biktima zara. Emakumeok, beste emakumeekiko, askotan gogorragoak gara gizonak baino. Uste baino barneratuagoa dugu diskurtso hori eta nolabait saiatzen gara betetzen. Guk baino askatasun handiagoz jokatzen duen emakumea ikusten dugunean, haren aurka egiten dugu bortizki. Geure burua zigortzen dugunez, besteak are gehiago. Etorkizunerako zer proiektu dituzu? Tesia egokitu nahi dut Pamielarekin argitara emateko. Bestalde, sorginkeria eta kapitalismoaren inguruan idatzi nahi dut. Sorginak sistematik kanpo zeuden emakume arruntak ziren gehienetan. Askotan mediku gizonekin talka egiten zuten emagin eta sendagileak.
news
argia-0ce3a8d35673
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/urbeltzen-argia.html
Urbeltzen Argia
Oier Araolaza
2016-01-17 00:00:00
Urbeltzen Argia Orain 50 urte bezala, gaur egun ere, mainstream izan eta kultura nagusien ekoizpen komertzialekin homologatzeko obsesioak gidatzen ditu euskal dantzari saiatuen oinak. Aldi berean, orain bost hamarkada bezala, bazterrean, itzalean, fokutik kanpo, erditu dituen dantza isolatu eta gutxietsian diraute euskal dantzari elebakar kikilduek, Youtube globalaren aroan euskal dantza hutsean bizi daitekeela frogatuz eta euskal dantza haien baitan osorik bizi dela erakutsiz. Baldorbarekin kantu bidez egin bezala, bidetik baztertu zituztenak madarikatu eta euskal kulturaren geografia irauli zuen dantzaren bidez Juan Antonio Urbeltzek. Nafarroa euskal kulturaren erdigunean jartzeko ahaleginean tematu zen lehenengo: Iribas, Jaurrieta, Otsagabia, Imotz, Ituren... Euskal dantzaren harribitxiak herri eta auzoetako plaza eta ganbara ahaztuetan bildu eta hirietako antzokietara eta frontoietara ekarriz bazterrekoa erdira ekarri nahi izan du Argiak. Eskiulatik Ekorara, Heletatik Lanestosara, Abaltzisketatik Fustiñanara, festa, jantzi, dantza eta musikaren bidez Euskal Herria ezagutzeko eta maitatzeko bidea eskaini du eta eskaintzen du oraindik euskal dantzak. Herriz herri, auzoz auzo, festaz festa, herritarrak dantzan jartzea eta dantzan segitzea izan da euskal dantzaren mugimendu zabal eta oparoaren arrakasta. Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman dio Juan Antonio Urbeltzi 2015 urtearen hondarrean. Sari honekin, Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek 1966ko udazkenean Argia dantzari taldearen gidaritza hartu zutenetik euskal dantzari eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortu eta eskertu nahi izan dietela adierazi du Markel Olano Ahaldun Nagusiak. Izendapena pertsonala da, baina errekonozimenduak Argia euskal dantzari taldeaz haratago zipriztintzen du. Argiak goldatzen erakutsita, bazterreko geografian sororik soro erein eta uzta jaso duten hainbat dantza talderentzat ere bada aitortza. Baita euskal munduaren historia modernoan gizarte kohesioa eta herri nortasuna gorpuzten eta gorputzaren bidez dantzatzen lagundu duten euskal dantzari eta euskal dantza talde guztientzat ere. Argia bazterreko txokoetan jartzen erakutsi digute Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik, eta orain haitzuloetan hormako arte adierazpenak bezala, bazterrik bazter eta txokorik txoko dantza adierazpen zoragarriak ezagutarazi dizkigute. Dantza tresna politikoa dela eta tresna hori herrigintzan baliatzeko ardura soziala dugula erakutsi digute. Euskal dantzaren lengoaiaren oinarriak ezagutu eta berau berritzeko eta birsortzeko tresnak eskura jarri dizkigute. Gau ilunean bidea erakutsi digu Urbeltzen Argiak.
news
argia-001ae34f978a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/aukera-garesti-eta-suntsitzaileena-bizkaiko-hego-trenbide-saihesbiderako.html
Aukera garesti eta suntsitzaileena, Bizkaiko Hego Trenbide Saihesbiderako
ARGIA
2016-01-17 00:00:00
Aukera garesti eta suntsitzaileena, Bizkaiko Hego Trenbide Saihesbiderako Ezkerraldea. Espainiako Gobernuak publiko egin du Hego Trenbide Saihesbide delakoaren egitasmoa. Helburua Santurtziko Superportura iristen diren merkantziak trenez ateratzea da. Balizko ibilbide bi aurkeztu baditu ere, Madrilek baten alde egin du esplizituki, bietatik garestiena eta ingurumenari inpaktu handiena eragingo liokeena dela aitortu duen arren. Arrazoia da lehenetsitako alternatibak lotura egingo lukeela etorkizunean eraikitzekoa litzatekeen Santander-Bilbo abiadura handiko trenbidearekin. Egitasmoak 310 milioi euroko kostua luke eta, besteak beste, 2010ean amaituta zenetik itxita egon den Serantesko tunelari (argazkian) erabilpena emateko balioko luke.
news
argia-49297e4d9dfb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/lohitzune-zuloaga-delinkuentziaren-pertzepzio-itxuragabeaz.html
"Delitua eraikuntza soziala da, unean uneko akordioen ondorioa"
Arantza Santesteban
2016-01-17 00:00:00
"Delitua eraikuntza soziala da, unean uneko akordioen ondorioa" Ez da legelaria, ez da kriminologoa, baina delitua aztertzen du soziologiaren ikuspuntutik. Egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten du lan, akademian aritzeak sortzen dituen estutasun ekonomikoak lagun. Iruñeko Katakrakek antolatu Zelatatu eta zigortu jardunaldietan ezagutu genuen Zuloagaren azken lana: El espejismo de la seguridad ciudadana. Claves de su presencia en la agenda política (Hiriko segurtasunaren ilusioa. Agenda politikoan duen presentziaren gakoak). Segurtasunari buruz ditugun pertzepzioak okerrak direla diozu. Hori esan ahal izateko urteak eman ditut gaiaren inguruan ikerketa egiten. Guztia bildu dut liburu honetan, azken batean nire doktore tesiaren bertsio murtxikatua da, hizkuntza ulergarriagora ekarria. Herritarren segurtasunaren ilusioaz hitz egiten dut, hori delako nire kezka nagusia: zein da jendearen beldur sentsazioaren eta kriminalitate tasen artean dagoen harremana? Nire hipotesia hasieratik honakoa izan da, segurtasun gabezia sentipen horrek ez duela zerikusirik delitu kopuruarekin; eraikitakoa dela.  Esan nahi duzu norbaitek erabakitzen duela beldur sentsazioa eduki behar dugula? Esan nahi dut segurtasun ezaren eraikuntzan hainbat eragilek parte hartzen dutela. Beldurra sentitzen dugu gure ingurune sozial hurbilekoak balizko arriskuez ohartarazten gaituenean: "Itxi ongi leihoak, lapurreta asko daude azkenaldian" edo "ez ibili gauez bakarrik, bortxaketak egon litezke eta". Horrek beldur sentsazioa eragiten du. Horrez gain hedabideak daude, sarritan, delituen kronikak gertakarien sailetan etengabe bilduz, arazoa handiesten dutenak. Azkenik, nire senak ohartarazi bezala, alderdi politikoen eragina dago: haien eragina uste baino handiagoa dela ohartu nintzen hasieratik, komunikabideena baino askoz handiagoa.  Nola ohartu zinen horretaz? 2003. urtean Espainiako Zigor Kodearen erreforma onartu zen. Bereziki gogorra izan zen zigorraren aplikazioari zegokionez. Horren aurkako erreakzioak batez ere Zuzenbidetik etorri ziren. Alabaina, ez zen egon analisi soziologikorik, ez eta erreforma horiek eman ziren testuinguru soziopolitikoa aztertzen zuenik ere. Zein izan zen gogortze horren arrazoia. Zer garrantzi izan zuten horretan komunikabideek, alderdi politikoek eta kriminalitate tasek.  Zure tesia baieztatzeko aukera izan zenuen orduan. Hala da. Kriminalitate tasak aztertu nituen eta une horretan Espainiako Estatuak Europar Batasuneko tasarik txikienetarikoa zuen. Zigor Kodearen gogortzea ezin zitekeen izan delitu kopuruaren igoeraren ondoriozkoa. Komunikabideak aztertu nituen, eta zehazki, gaiari buruz argitaratutako 11.500 izenburu. Orduan konturatu nintzen ñabartu beharra zegoela komunikabideen eragina, izan ere batzuetan izenburuen ondoriozko legediak egiten dira, baina kasu honetan legediaren araberako izenburuak eraiki ziren.   Zergatik eragin dezake alderdi politiko batek segurtasun eza herritarrengan?  Esan bezala, azterketa honetan konturatu nintzen alderdi politikoek aurrea hartua zutela. Ustekabe handia izan zen niretzat. 2000n PSOEren barruan Zapaterok hartu zuen lidergoa, alderdia oso ahul zegoenean. Testuinguru horretan, beste herrialde batzuetan funtzionatu zuen estrategia berbera abiatu zuen. Erresuma Batuan Tony Blairrek Alderdi Laboristaren lehentasunezko gaien artean herritarren segurtasunaren auzia jarri zuen; erakutsi nahi zuen ezkerrak hobeto kudeatu zezakeela arazoa eskuinak baino. Zapaterok antzeko zerbait egin zuen, eta orduan hasi zen segurtasuna erdigunean jartzen. 2003an PPk bere egin zuen gaia; PSOEk eskuinaren esku utzi zuen kontrola. Aznarrek esandako hitz hauetan laburbildu daiteke kontua: "Delinkuentzia ezabatuko dugu kaleetatik".  Garai hartan PPk fronte ugari zituen zabalik. Bai, oso egoera zailean zegoen. Prestige auzia bor-bor zegoen, baita Irakeko gerraren kontrako masa kritikoaren loraldia ere. PPk delinkuentziaren aurkako borrokaren bandera atera zuen, eta arlo horretan lidergoa bere gain hartuz Zigor Kodea zurrundu zuen delinkuentzia, terrorismo eta sexu indarkeria kasuetan. Ordutik Espainiako Estatuak Europako legedi gogorrenetakoa dauka; delitu tasa txikia eta kode zurruna. Delitu berdinengatik kartzelan askoz denbora luzeagoa igarotzen da hemen. Delituak oso garesti ordaintzen dira.  Zein da gaur egungo panorama enegarren aldiz Zigor Kodea gogortu ondoren?  Espainiako Estatuan berriki onartu den Zigor Kodearen azken erreforma Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministro ohiaren dimisioaren ondoren etorri zen. Rafael Catalák hartu zuen erreleboa abortuaren legearekin izandako hanka sartzearen ondoren, eta apurka mota guztietako gogortze politikak eta zigor berriak saldu zizkigun. Hain errentagarria zaien terrorismoaren gaiarekin eman zioten azken bultzada. Oroitu dezagun erreforma hau Gallardónek berak proposatu zuela eta ez zuela harrera onik izan esparru juridikoan. Baina aukera aukera da. Egin kontu, Parisko gertakarien ondoren gehiago gogortuko dituzte legediak. Baina funtsean, zein da mehatxu errealaren eta segurtasun ezaren sentsazioaren artean dagoen harremana? Delitua eraikuntza soziala da, unean uneko akordioen ondorioa.
news
argia-7e07b2983ebc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/pentsionistak-miseriatik-atera.html
Pentsionistak miseriatik atera
Juan Mari Arregi
2016-01-17 00:00:00
Pentsionistak miseriatik atera Ipar Euskal Herriko herritarrek Hego Euskal Herrikoen lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) ia bikoitza dute: 1.457,52 euroko hamabi paga, 756,70 euroko hamabi pagaren aldean –2016tik aurrera hamalau paga izango dira, beraz 655,20 euroko gutxieneko soldata–. Iparraldeko pentsionisten batez besteko pentsioa ere Hegoaldekoena baino altuagoa da neurri berean. Europar Batasunean LGS Luxenburgoko 1.922,96 euroen eta Bulgariako 194,29 euroen artekoa da. Eta denok gara desberdintasuna ongi lekututa dagoen Europar Batasun honen parte. Espainiako Estatuan pentsioak duintasunetik oso urrun daude milioika pertsonentzat, bereziki alargunentzat, miseriaren mugan baitaude. Euskal Herriko hamar pentsionistatik zazpik (665.000 lagunek) hilean 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dute. Horietatik erdiak 650 euroko batez besteko pentsioa dute, eta milaka alargunek 400 euroko ordainsaria baino ez dute. Halako miseriarik! Espainiako Gobernuak urtero %0,25 igotzen ditu pentsioak, hau da, 1 eta 3 euro artean. LGS berriz, aurten %1 igo dute, 655,20 euroko zifra lotsagarriraino. Euskal Herriko pentsionisten plataformek legegintzako herri-ekimena prestatzen ari dira pentsio duinen defentsan, Eusko Legebiltzarreko Parlamentuko mahaiak atzera bota ondoren EAJ, PSE eta PPren botoekin. Plataformek sinadura bilketa masiboa hasiko dute, Europako Gutun Soziala kontuan hartuta Euskal Herrian duintasunez bizitzeko pentsio baxuenak osatzea eskatuz, hilean 1.080 eurora iritsi ahal izateko. Euskal herritarrek elkartasunez kolaboratzeko aukera polita dute: euren sinadurarekin, milaka pentsionista miseriatik ateratzeko egitasmoan parte hartu dezakete.
news
argia-ef4dd5d46d52
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/igebelar-nano-bat.html
Igebelar nano bat
Jakoba Errekondo
2016-01-17 00:00:00
Igebelar nano bat Kaixo, Richmond upon Thamesetik idazten dizut. Urteak daramatzat bertan polizia lanetan. Londres Handiaren barrutiko hiri bat da hau, eta kanpotar asko erakartzen dituen gauza ugari badugu ere, ezagutzeko moduko pare bat erakutsi nahi dizut: Kneller Hall musika eskola, britainiar armadarentzat baizik ez den eskola aparta –gure semea bertan ari da soldadu, gaitajole onena izateko trebatzen–, eta Kew Gardens errege baratze botaniko ikusgarria. Beste ziento bat parke eta lore baratze badira gure hirian, baina Kewko hau da ospetsuena, mundu osoan ezaguna. UNESCOk gizateriaren ondare izendatutako 360 goldeko saila da eta, zaintzaile eta ikerlari, 700 lagunek baino gehiagok lan egiten dute bertan. Mundu osoko milaka eta milaka landare espezie jagoten dituzte bertan: jaso, erein, zaindu, ugaldu... Laborategiak, hazi bildumak, herbarioak, liburutegiak, kontinente guztietako bateko eta besteko mikroklima ugariren antzerakoak dituzten berotegiak eta negutegiak... edozein botanikariren inbidia dira bertan ari direnak. Mundu guztiko espezie arraroenak ekartzen saiatzen dira, espezieak jasotzeko eta ikertzeko. Bertako bilduma ikusgarria da, eta etengabe haziz doa. Adibidez, bertako herbarioko orrietan sikatuta daude ia zazpi milioi landareren laginak... Horietako multzo zabalena tropikoetatik dator. Tartean baita Ruandan sortutakoak ere; gure semea bertara turista joatearen zalea da.   Herbarioak sikatu eta fosilizatutako ale batzuk bai, baina baita bizirik daudenak ere. Nymphaea thermarum igebelarra da horietako bat. Igebelar hori nanoa da, hostoak zentimetro bete eskasekoak ditu. Eberhard Fischer botanikari alemanak aurkitu zuen 1987an, Ruandako hego-mendebaldeko Mashyuzan. Fischerrek Bonneko baratze botanikora eraman zuen; truke bat medio Alemaniatik gure Kew dotorera ekarri zuten 2009an. Orain 30 bat ale daude bertan.  Gaur egun, Mashyuzako gune hezeak abailan lehortzen ari dira, turistentzat antolatu beharreko zerbitzuak medio. Eta igebelar nanoa desagertu egin da. Kew Gardenseko arduradunak beren esku dute Ruandako aberastasuna osatzea, libra esterlina milioi batzuk gora behera. Baina negozioa kolokan ikusi dute. Kew Gardensen igebelar ale bat desagertu egin omen da, lapurtu egin zuten duela bi urte urtarrilaren 9an, goizeko 8:30 eta arratsaldeko 14:55 artean. Lapurreta argitzeko inolako arrastorik duenak dei beza gure polizia-etxera: 44. 2087215934.
news
argia-3c6d230e79e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/gu-eta-gure-kontraesanak.html
Gu eta gure kontraesanak
Xabier Mendiguren Elizegi
2016-01-17 00:00:00
Gu eta gure kontraesanak Koherenteak izan behar dugula erakusten digute. Gauza bat esaten badugu hura egin. Pentsatzen dugunaren arabera jokatu. Gure ekintzen ondorioak asumitu. Bizitzaren alor guztietan entzuten dugu prediku bera, eta kolore guztietako sinesmen eta ideologiek egiten dute bat koherentziaren laudorio horretan. Logikoa dirudi, eta, denak bat baldin badatoz, egia unibertsala izango da. Edo. Baina gero errealitatea dator, bere kolore gris eta inkongruentziekin, bere bai-baina guztiekin. Ekologia eta natura defenditzen dituzu baina auto potente batean ibiltzea maite duzu; saio kulturalak goratzen dituzu baina telezaborra ikusten; haurrak euskal eredura bidali dituzu baina zuk erdaraz egiten duzu zeure senar edo emaztearekin. Kontraesan horiek lotsaz bizi ditugu. Puruak izan nahi genuke, eta bekatuaren orbana ezartzen diote gure arima zuriari. Gero, ateoak izanik ere katolikotasunak formateatu duenez gure gogamena, egindako hutsa aitortu, onbideratzeko asmoa agertu, eta aurrera mutilak! Tolerantea barkabera izango da besteen kontraesanekin, besteek ere norberarenekin hala jokatuko dutelakoan; sanedrin guztietako sermolariak, berriz, jo eta sua ariko zaizkizu, zure koherentzia-huts horiek etengabe salatzen eta aurpegiratzen. Baina zer, kontraesana gure nortasunaren akats ez baizik eta geure izatearen partetzat onartuko bagenu? Inor ez da altruista hutsa, ezta erabateko egoista ere. Prentsa espainolista erosi eta hauteskundeetan botoa abertzaleei ematen diena, sistematikoki gainera, zuzendu beharreko gizajo alienatutzat jo ohi da (edo botoa edo periodikoa, bietako bat aldatu beharko duena noizbait, koherente jokatzekotan); baina jokabide hori agian ez genuke anormaltasuntzat hartu behar, kaxoi zehatz batean mugaturik egon nahi ez duenaren ñabarduratzat baizik: "Zuetarra naiz, baina ez iezadazue kaparrada eman" esaten ari zaie, inkontzienteki, abertzaletasunaren apostoluei; eta era berean "zure gezurrak erosten ditut, baina ez pentsa irensten ditudanik", botatzen dio xaloki prentsa-jabe espainolistari. Botoa ere, orain arte finko samarra izaten zen esparruetan, aldakorra eta hegakorra ari da bihurtzen. Politikari batzuk, orduan, hautesle aldaberarekin haserretzen dira: "Zuk hau eta hau defendatu izan duzu, eta ez al zara ohartzen beste horiek kontrako balioak aldezten dituztela?". Beste batzuek bere burua zigortzen dute: "Zer egin dugu gaizki, boto-emaileek bizkarra eman diezaguten?". Seguru asko, errietak bezain zentzugabeak dira autoflajelazioak; nolanahi ere, ez arduratu gehiegi, laster dator eta beste karta-partida bat, beste bozketa bat, geure kontraesanak agerian gera daitezen ostera ere, batzuen poz eta besteen atsekaberako.
news
argia-49ad07a25aff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/integrazio-eta-etxebizitza-eskubideak-borroka-sozialaren-oinarrian.html
Integrazio eta etxebizitza eskubideak borroka sozialaren oinarrian
Xuban Zubiria
2016-01-17 00:00:00
Integrazio eta etxebizitza eskubideak borroka sozialaren oinarrian Laster beteko du hamarkada bat Italiako Parma hirian dagoen Artlab zentro sozialak. Urteak aurrera, Emilia Romagna eskualde italiarrean erreferente bihurtzen joan da gune okupatua, integrazio eta etxebizitza eskubideen aldarrikapenean. Parmako ikasle batzuek euren ekintzak aurrera ateratzeko unibertsitatearen eraikin bat okupatu ostean hasi zen ibiltzen zentroa. Gaur egun, herritartasun ugariko lagunak biltzen dituen komunitatea osatzen du Artlab-ek, baina hastapenetan, gazte ugarik Parman bizitzeko zituzten arazoekin lotu zuten okupazio proiektua. Unibertsitate tasa altuek, langabeziak eta prekarietateak gogor kolpatzen zituzten gazteek alternatiba sendoa eraikitzeari ekin zioten. Egoerari soluzio berriak eraikitze bidean, berehala ohartu ziren sistemaren kontraesanek beste komunitate bat zigortzen zutela bete-betean: etorkinak. Gainera, instituzioek horiei bideratutako prestazioak murrizten ari dira, hirian migratzaileak gero eta gehiago direnean. Italiara migratutakoek bizi duten arazoa Parmako beste arazo sistematiko bat bezala lantzeari ekin zioten zentro sozialean, egoerari modu globalean erantzun behar zioten bertatik bultzatutako proiektuek. Geroztik, migratzaileen eskubideen aldeko iniziatibetan oso aktiboki hartu dute parte, tartean Lampedusako Gutunaren eraketan eta migratzaile eta errefuxiatuenganako elkartasun karabanetan. Parmako egoera aldatu nahian, jatorri anitzetako komunitateen elkarteekin harremanetan jarri dira eta gune okupatuaren ateak ireki dizkiete, denek har dezaten parte egitasmoan. Errefuxiatuen krisi globalak eragin nabaria izan du Italian, eta ondorioz, baita Artlaben egungo jardueran ere. Matteo Renziren Gobernuaren ezintasuna ikusirik, Artlab eta beste zentro okupatu italiarrak, Gobernuak babestu ezin dituen errefuxiatu askoren aterabide bihurtu dira azken hilabete hauetan. Errefuxiatuen etorrera bideratzeko Italiako gobernuz kanpoko beste hainbat erakunde eta eragilerekin batera Stop war not people kanpaina jarri dute martxan. Krisia gestionatzeko instituzioak izaten ari diren hutsuneak betetzeko sortu da ekimena. Nazioarteko ikuspegia daukan baina alternatiba lokalak eraikitzen eta hiri italiarra eraldatzen diharduen tresna eta familia bihurtu da Artlab. Izaera ugaritako gero eta iniziatiba inklusibo gehiago eskaintzen dizkio elkarte autonomoak Parmako hiriari. Italiera eta arabiera eskolak Elkarteko militante asko ikasleak dira eta astean bitan irakasle bihurtzen dira: italiera eskolak ematen dituzte. Eskolak doakoak dira eta maila ezberdinak daude. Hasiberrientzako maila dago, Parmara etorri berri direnentzat. Hizkuntza hobeto menperatzeko bigarren maila bat ere badago. Duela bi urtetik hona, egitasmoa arrakasta handia izaten ari dela aitortu digute irakasle lanetan ari diren gazteek. Trukean, italiera ikasten duten hainbat migratzailek arabiera klaseak eskaintzen dituzte. Futbol talde anti-arrazista Arrazakeriaren aurkako La Paz futbol taldea eratu dute zentro sozialeko kide batzuek, beste hainbat errefuxiatu eta migratzaileren laguntzarekin. Italiako maila erregionalean jokatzen du taldeak, eta emaitzetatik harago, futbola kultura ezberdinen arteko elkarbizitza indartzeko tresnatzat darabilte partaideek. Etxebizitza, denon eskubidea Hirian alokairua ezin ordaindurik eta etxe-gabetzea sufritzeko arriskuan dauden familia eta ikasle prekarioentzat unibertsitateak abandonatuta zeukan beste eraikin bat eraberritu du elkarteak. Eraikinaren gestioak sortzen dituen gastuak ordaintzeko, alokairu sinboliko bat ordaintzen dute bizilagunek. Nomas izena hartu duen eraikinean auzolanean bizi dira ikasle, migratzaile eta familiak. Artlab gune autogestionatuak integrazioa eta borroka soziala Parmako biztanleen egunerokoan txertatzea lortu du eta Salbini ultraeskuindarra buru duen oldarraldi xenofoboari aurre egiteko baliabide bikain bihurtu da. Txikitik eraikiz, norbanakoen bizi-baldintzak hobetzeko tresna da, finean. Eta errefuxiatuen krisiarekin trabatuta dagoen Europa honetan, instituzioetatik harago soluzio lokalak aukera ona direla erakutsi dute.
news
argia-b04abfb6c47f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/lursagarra.html
Lursagarra
Jakoba Errekondo
2016-01-17 00:00:00
Lursagarra Ez dakit noiz abiatu zen Lurretik Ilargirako zuen espedizioa, baina hemen, aspalditik, lursagarrari patata deitzen zaio. Mokofinen bat edo bestek lursagar ere deitzen dio, baina nire iritziz oker. Nahiz eta landareari kentzen diogun fruitua izan, patata ez da fruitu bat. Fruitua balitz helburu lurgoran erein beharko litzateke, baina sustraietako erreserba izaki, lurbeheran ereingo nuke nik.  Patata fruitua ez denez, ezin taxuzko ardorik egin berarekin. Baina erreserba denez edari bizi eta uxuala ederrak egiteko gai egokia da. Bodka gehienak, adibidez, patataz egiten dira. Hor dugu, urrutira gabe, Araban egiten den Basmoon bodka sonatua. Izan ere patata lurpeko altxorra da. Patata, Arabatik Ilargira. Bodkari emanez, edonora...
news
argia-50cd60dc8416
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/ura-megapoliak-eta-krisia-co2ak-ez-baitu-dena-esplikatzen.html
Ura, megapoliak eta krisia: CO2ak ez baitu dena esplikatzen
Pello Zubiria Kamino
2016-01-17 00:00:00
Ura, megapoliak eta krisia: CO2ak ez baitu dena esplikatzen COP21 klimaren aldaketari buruzko biltzarra hasi bezperan, abenduaren 1ean, UNESCOk "Ura, megapoliak eta aldaketa globala" biltzarra burutu zuen Parisen. Uraren krisia salatzen eta justiziaren aldeko beste borroketan lider ezaguna den Maude Barlow kanadiarra ahalegindu zen gaia present egon zedin Parisko eztabaidetan. COP21 hastear zelarik Parisen, Maude Barlow kanadarrak mahai gainera atera zituenen gai zerrendetan falta ziren zenbait arazo: mundu osoan hiritzarrak –megapoliak– handitzen ari dira eta haietako biztanleei ez zaie bermatzen uraren eskubidea, krisi ekologiko handia eragiten da ibaiak agortzeraino idortuz, lurpeko ur geruzak ahitzen ari dira ziztu bizian, oihan handiak eraitsiz uraren zikloak suntsitzen ari gara... Horretaz mintzatu ziren UNESCOk Parisen abenduaren 1etik 4ra burututako "Ura, Megapoliak eta Aldaketa Globala" biltzarrean eta haren berri eman du Daniel Hofnung ingeniari erretretadunak ATTACen webeko bere blogean ; haren bidez eskuratu dugu Barlow anderearen hitzaldia. Hofnung uraren kudeaketa burutsuaren aldeko eta  bere herri Ivry-sur-Seineko (Parisen auzoa da praktikan) errauskailuaren kontrako militante sutsu bezain kualifikatua da, ATTACeko zuzendaritzako kide izateaz gain. Gaiaren garrantzia honela laburbiltzen du Hofnungek: "Kyoton hasitako prozesua zentratu da negutegi eragineko gasak kliman daukan eraginean, proposatuz murriztea gas isurketak atmosferan eta, ondorioz, erregai fosilen kontsumoa. Baina beste prozesua ahaztu du, uraren zikloaren hondatzea, klimari egiten dion kaltearekin eta bere onera itzultzeak egingo lukeen mesedearekin. Planeta erregeneratzeko modua eskaintzen baitigu". Ikuspegi honetan mundu mailan autoritate ezaguna da Maude Barlow (Kanada, 1947). Ekologiaren, bakearen eta giza eskubideen aldeko borrokalaria, liburu sorta baten egilea, herritarren eskubideak defendituz multinazionalen erasoei aurre egiten dien Council of Canadians (Kanadarren Kontseilua) mugimenduaren liderra da. Globalizazioaren kontrako foroetan bezala Kanadako indigenekin meatzaritzako korporazioei karriketan aurre egiten sarri ikus daiteke Barlow. Parisen abenduaren 1ean eman zuen hitzaldiari –ondoren laburbiltzen dugunari– izenburuan A blue and just future is possible ipini zion, etorkizun urdin eta justua posible dela. Esaldi baikorra, ondoren marraztu behar zuen panorama beltzaren aurretik. Emakume honek beti itxaropena aldarrikatzen baitu, beste batean aldizkari kristau bati deklaratu zionagatik: "Injustiziaren kontra borrokatzen duen jendeak etsi egiten du, etsitzen dute ez dakitelako zer gehiago egin. Nire lanaren zati bat hor egotea da, itxaropena emanez eta 'ez eman amore' esanez". Erronka itzel baten aurrean dago gizadia, dio Barlowk. Garabidean diren herrialdeetako hiritzarrak txabolategiz inguratuta daude, goseak eta klimaren krisiak haietara eramanik milioika behartsu. 2030erako bidonville horietan biziko dira hiri handietako jendeen erdiak. Gaur askok ez daukate ur garbirik eskueran, betiko iturriak kutsatu edo agortuta, pribatizatutako ur garestia pagatu ezinik. Uraren etika berri bat Pekin, Delhi, Munbai, Kalkuta, Manila, Mexiko, Caracas, Lagos, Abidjan, Teheran, Johannesburg... denetan dute urik eza arazo. Baina berez nahikoa ur beharko lukeen Sao Paulo (Brasil) bat idorteagatik larrialdian harrapatuta egoteak erakusten du krisi ekologikoak nola eragiten dion krisia gizadiari. Lurrean gero eta urriagoa da ur garbia. Agortzeraino ustiatzen ditugu ibaiak, handien arteko asko iritsi ere ez dira iristen itsasoraino. 1990etik hona Txinako ibai nagusien erdiak desagertu egin dira. Lurpeko akuiferoak ere agortzen ari gara. Ekialde Hurbilean 60 milioi pertsona ase behar dituen Akuifero Sistema Arabiarra, Indus ibarrekoa Indian eta Kaliforniakoa AEBn lehortzeko arriskuan dira. Ororen buru, hiru korapilo askatzen zail dauzka gizadiak. Lehena, klimaren aldaketa osorik ulertu beharra daukagula. Erregai fosilen konbustioak isuritako CO2a arazoaren erdia baino ez da. Suntsitu ditugun urik gehienak ez ditu desagerrarazi klimaren aldaketak: gehiegizko ustiatzearekin eta erabilera okerrarekin hondatu ditugu, ibarretako arroak suntsituz, lurzoruen ahalmena murriztuz, basoak eraitsiz... Herritarrei ez zaie azaltzen Amazonas ibarrean oihan tropikala eraisteak, ziklo hidrologikoa hondatuz, dakarren euria urritzea ehunka edo milaka kilometro urrunago, agian AEB urrunetan. Ondorioz, klimaren kaosa  konpontzeko erregai fosilak murrizteaz gain uraren zikloak beren onera ekartzea derrigorrezkoa izanen da. Askatu beharreko bigarren korapiloa dagokio herritarrek ura eta saneamendua edukitzeko duten eskubideari. Duela bost urte giza eskubidetzat aitortu zuenez Nazio Batuen Erakundeak, mundu osoko agintariek bermatu behar dizkiete herritar guztiei, populazio ahulenei bereziki. Deretxoa praktikara eramateak esan nahi du agintariek eragotzi behar dietela meatzaritzan ari diren multinazionalei iturriak agortu edo kutsatzea, interes ekonomikoen aurretik jarriz jendeenak. Bestalde, uraren eskubidea justizia afera denez eta ez karitatezkoa, herritarrek ur garbia eskuratu ahal izateko derrigorrezkoa da pribatizaziorako joera azpikoz gain jartzea, Paris eta beste hiri handi batzuk egin duten moduan udalek berriro beren esku hartuz noizbait konpainia pribatuen esku lagatako zerbitzua. Hirugarren gakoa garapen ereduari loturik dago: agintariek sustatutako garapen eredu hau da arazoa sortu duena eta konponbidearentzako oztoporik handiena ere bai. Mundu mailako merkataritzari arauak oro kendurik, aberatsak gero eta aberatsago dira, mundutarren %1 ondasun guztien %50en jabe egin da eta, aldiz, milioika nekazari txikik hiri handietako txabolategietara joan behar dute, beren lurrak eta bizibidea galdurik. Agintari eta gobernuek atzerriko kapitalak erakartzearren pribatizazio politika bortitzak ezartzen dituzte eta onartzen dituzte TTIP bezalako nazioarteko itunak, zeinen bidez ingurumena eta jendeen eskubideak defenditzeko dauzkaten legeak jartzen dituzten multinazionalen erabakien menpeko. Uraren etika berri bat gerta daiteke abiapuntu %1aren tiraniari aurre egin eta garapen eredu justuago bat eraikitzen hasteko. Politika guztien oinarrian jarri ura zaintzea. Ekin uraren zikloei egindako kalteak sendatzeari. Horren arabera antolatu nekazaritza lekukoa eta iraunkorra. Debekatu petrolioa eta gasa erauzteko frackinga. Hiri eskubide – droit à la ville – berri bat aldarrikatuz amaitu zuen hitzaldia Maude Barlowek: "Imajinatu hiri bat non bertan dauden guztiek nahiko duten egotea eta ez zaizkien ebatsi ez beren soroak ez beren bizibideak. (...) Posible da. Etorkizun urdin eta justua posible da".
news
argia-7e1572ca3e29
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/gaikako-zabor-bilketa-erroman.html
Gaikako zabor bilketa Erroman
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-01-17 00:00:00
Gaikako zabor bilketa Erroman Erroma, K.a. 600. Tradizioaren arabera, Tarkinio I.a erregearen aginduz, ingeniari etruriarrak Cloaca Maxima eraikitzen hasi ziren, mendetan hiria garbixeago mantenduko zuen estolderia sistema. Eta hala ere, Erroma oso hiri zikina zen. Etxeetako zaborra, animalien gorotzak eta gorpuzkiak, eta orotariko hondakinak kaleetan pilatzen ziren. Stercorari edo zabor biltzaileak hirian barrena ibiltzen ziren, zaborra gurdietan bildu eta puticulum edo kanpoaldeko zabortegietara garraiatzeko. Zenbaitetan txerriak eramaten zituzten laguntzaile, hondakin organikoak birzikla zitzaten. Baina ahalegin horiek ez ziren nahikoak hiri gainpopulatuko biztanleen ohitura antihigienikoei aurre egiteko.  "Cacator sic valeas ut tu hoc locum transeas" , dio Ponpeian aurkitutako grafiti batek; mesedez, kaka beste toki batean egiteko, alegia. Baina aholkuari jarraituz eginkariak etxe barruan egitea ere ez zen oso lagungarri, gero leihotik kalera botatzen bazituzten. Eta pixontzi gisa erabiltzen zuten murkoarekin inor jotzen ez bazuten, gaitz erdi. Edukiarekin batera edukiontzia nahi gabe jaurtitzea ohikoa izango zen, legeriak berariaz jaso baitzuen: ontziak norbait zaurituz gero, jaurtitzaileak ordainduko zituen zauriak sendatzeko gastu medikuak eta kaltetuak lanik egin gabeko egunen soldata.   Hondakinen gaikako kudeaketaz ez ziren txerriak soilik arduratu. Tiber ibaiaren bazterrean dagoen Testaccio mendia da horren froga erraldoia. Muino artifizialak 50 metroko altuera eta 22.000 metro koadroko oinarria ditu, eta 25 milioi anforaren hondakinez osatuta dago. Anforak hainbat mendetan, pixkanaka eta modu egituratuan ipinita jaso zuten mendixka egonkorra. Terrakotazko ontziak oliba olioa eta beste elikagai batzuk garraiatzeko erabiltzen zituzten. Ontzietan bertan egindako idazkunei esker dakigu Testaccioko gehienak Afrikako kostaldetik eta Beticatik, egungo Andaluziatik, zetozela. Tiberreko portura iristean, anforak hustu eta ez zituzten berriro garraiorako erabiltzen; ontziak ondo garbitzea ez zen errentagarria eta osasunerako ere ez zen batere segurua, anforak barrutik ez baitzeuden esmalteztatuta. Gutxi batzuk eraikuntzan berrerabili zituzten, baina gehienak kontu handiz pilatu eta karez estali zituzten, hondakin organikoak usteltzearen kiratsa saihesteko eta Inperioko hiriburu zikina gehiago ez zikintzeko.
news
argia-efdffcf4078f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2491/noren-esku-dago.html
Noren esku dago?
Estitxu Garai Artetxe
2016-01-17 00:00:00
Noren esku dago? Polarizazioa. Alderdi zaharrak eta berriak. Sistemak berdin jarraitzearen aldekoak eta aurkakoak. Horixe da Espainiako komunikazio-etxe handiek sortu eta kanpainan behin eta berriro elikatu eta puztu dutena. Etsaia irudikatzea ez da zaila izan batzuentzat eta besteentzat. Mezua garbia zen: datozen hauteskundeek benetan eragingo dute zure egunerokoan, une historikoa da eta ezin zara etxean geratu. Gainera, duzun alderdi-sorta berri honekin, topatuko duzu zure neurrikoa izan daitekeena. Polarizazio horren sareetan jausi gara euskal herritarrok ere. Podemos izan da aldaketa nahia ondoen kapitalizatzen jakin duena eta bozak estatuan deseroso dauden lurraldeetan lortu ditu batik bat. Horretarako, ordea, anemometroa fin duela erakutsi behar izan du. Haizea nora, mezua hara. Alderdi morearen lehenengo urratsetan estatuko nazioen afera saihestu beharreko gaia zen. Erabakitzeko eskubidea hasieratik erabili dute hitzetik hortzera, baina lurralde arazotik bereizi nahian eta "guztia" erabakitzea estalki hartuta. Hori garbi ikusi zen Kataluniako hauteskunde-kanpainan. Herria plebiszitu usaindun zitarako prestatzen zen bitartean, lehentasuna beste bat zela esan eta esan ibili zen Pablo Iglesias. Gizarte premia larrien haize hotzak ufada independentista apaldu zezakeelakoan zeuden. Emaitzetan jasotako zartadak argi erakutsi zien ezetz, batak ez duela bestea kentzen. Orduz geroztik diskurtsoa erabat moldatu du Podemosek. Erreferendum loteslearen alde lerratu da. Beste indar batzuekin aliantzak ahalbidetzeko ez zitzaien beste erremediorik geratzen eta Kataluniak Espainiako Kongresuan duen eserleku kopurua ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Espainiako hauteskundeen ostean ere "marra gorritzat" ezarri du kontua, alderdi sozialista higatzeko posizio eroso batean. Nolanahi ere, Senatuan alderdi popularrak duen gehiengoarekin, erreferenduma aldarrikatzea haizea orraztearen parekoa da. Badakite aldebiko onarpena duen galdeketa gauzatu ezina dela gaur gaurkoz. Hori bideratuko lukeen Konstituzioaren 92. artikuluari egiten diote men, baina argazkian Espainiaren batasun banaezinaz mintzo den 2. artikulu pleonastikoa baino ez da agertzen. Hego Euskal Herriko lurraldeetako balizko galdeketa bati buruz, berriz, ez dute txintik esan, ez behintzat Madrilgo liderrek. Eta hemen ez da egon ez Colaurik ez marearik, hemen hauteskundeak Madrildik irabazi dituzte. Erreferenduma Kataluniako "arazoa" konpontzeko tresna gisa aurkezten dute, baina une honetan Euskal Herria ez da "arazo". Erabakitzeko eskubidearen prismatik irakurketa baikor samarrak egin dira Podemosek Nafarroan eta EAEn lortutako emaitzen harira. Nago, mugimendu independentista indartsu bat izan ezean, zaila izango dela hortik aurrerapauso esanguratsuak lortzea. Zentzu horretan, aintzat hartzekoak dira EH Bildu koalizioak izandako emaitza kaskarrak. Ezker abertzaleak tentuz jarraitu beharko du Podemosen bilakaera. Batetik, Nafarroan gertatu bezala, aukera berriak sor daitezke justizia sozialaren eta gizarte eraldaketaren aldeko koalizioak egiteko. Bestetik, ostera, aliatu taktiko koiunturala izan arren, ezkerreko mugimendu independentistarentzat beti izango da aurkari jomuga estrategikoan. Espainiak aurpegi atsegin eta pertsuasiboago bat topatu du, unionismoa aldeztuko duen adar demokratikoagoa. Kontua da horrek zenbat ahitu dezakeen independentziaren aldeko nahia, lehentasunak beste batzuk direla aitzaki hartuta. Espainian beti egongo da zer konpondu, beti egongo da epe motzera garrantzia duen beste zerbait. Gerta daiteke Podemosek Espainia ez aldatzea, baina bai Katalunia eta Euskal Herria. Gure herriaren etorkizuna... noren esku dago?
news