id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-00ffcd9949fa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-01-01 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. Holandatik ekarritako tulipan erraboil batzuk oparitu dizkidate. Noiz landatzen dira? Bitartean, nola gorde behar dira? Mari Paz Martin (Irun) Kaixo Mari Paz. Tulipanek edo idi-bihotzek ( Tulipa spp ) freskura maite dute. Urteko parte bero eta lehorra, uda eta udazkena, lo igarotzen dute. Lurpeko erraboila udazkenaren erditik aurrera esnatuko da. Erraboilean pilatutako erreserben bizkar emango du lorea. Ondoren lorea zimelduta hostoak luzatuko ditu eta berriro erraboila erreserbaz osatu. Uda lo pasa eta hurrengo udazkenean esnai. Urtetik urtera gordetzeko, lurrean bertan utzi edo behin hostaia zimeltzen denean, uda hasieran, lurpetik atera eta ondo lehortu ondoren ontzi batean jaso, toki fresko, ilun eta lehor batean.
news
argia-abad072e9f6a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/matxismoa-soldatetan.html
Urtean 7.666 euro gutxiago
Itziar Ugarte Irizar
2017-01-01 00:00:00
Urtean 7.666 euro gutxiago Ohituta gaude titularrera: Emakumeek gizonen soldaten azpitik kobratzen dute. Auzia ez da lan berdinean ordu berdinak egiteagatik gutxiago ordaintzen zaiela emakumeei. Eta orduan? Sexuaren araberako lan bereizketak eta enplegutik at geratzen diren lanez nagusiki emakumeak arduratzeak nabarmen baldintzatzen dute haien jardun profesionala. Honela, Espainiako eta Frantziako Estatuen estatistika erakundeen arabera, iaz Euskal Herriko emakumeek, batez beste, gizonek baino 7.666 euro gutxiago irabazi zuten urte amaieran, eta aurten ere, zifra ez da asko aldatuko. Zergatik balio du gehiago bonbilla bat aldatzeak agure bat artatzeak baino? Nolatan irabazten du gehiago makina gainean doan kaleko gizon garbitzaileak, bulegoetan zoru garbigailua pasatzen duen emakume garbitzaileak baino? Soldata arrailaz hitz egitea lan merkatuko genero ezberdintasunez jardutea da, emakumeei eragiten dietenak modu nabarmenean. Lantoki gehienetan kargu bera duten emakume eta gizonek berdin irabazten dute, bestelakorik ilegala bailitzateke. Honenbestez, egiturazko desberdintasunak dira soldata arrailaren oinarrian daudenak: sexuaren araberako lan banaketa eta etxeko zein zaintza lanak ia osorik emakumeengan erortzea. Azkenean, gaur oraindik, haiek baitira ia beti lan-bizitza sakrifikatzen dutenak, besteak beste, seme-alaben eta zaharren zaintzarako. Zenbait estereotipo eta uste hedatu ditu horrek, emakumeek egindako lanari zentraltasuna eta balioa kendu diotenak. Hein horretan, emakumeek urte amaieran diru gutxiago irabazten dute lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasun handiena pairatzen dituztelako. Lanpostua ez, langilea da eragilea Sexuaren araberako lan bereizketaren ondorioz, andrazkoei lan jakin batzuk egotzi zaizkie, femeninotzat jo eta gutxietsi direnak, nola ekonomian hala gizartean. Bestela esanda, gizonezkotzat hartu diren lanak hobeto ordaintzen dira rol maskulinoarekin bat datozelako, eta emakumeek bete dituzten funtzioak askoz okerrago logika beragatik. Esaterako, supermerkatu batean mantentze lanak egiten dituen gizonak lantoki berean kutxazain lanak egiten dituen emakumeak baino gehiago kobratzea, indar fisiko gehiago behar duelakoan bere egitekoak. Zaloa Ibeas (LAB): "Erabakigarria ez da zein lan mota egiten den, nork egiten duen baizik. Ez da garbiketa lanak ez duela soldata duina merezi, arazoa da emakumeok egin behar badugu, gutxiago merezi dugula" Lanpostuak eskatzen duen trebetasuna berdina denean ere, ordainsarien arteko arrakala ikaragarria dela dio Zaloa Ibeas LABeko emakume idazkaritzako arduradunak: "Erabakigarria ez da zein lan mota egiten den, nork egiten duen baizik. Ez da garbiketa lanak ez duela soldata duina merezi, arazoa da emakumeek egin behar badugu, gutxiago merezi dugula". Askotan aurkakoa entzun arren, administrazio publikoan ere diskriminazioa jazotzen dela azpimarratu du Ibeasek: "Ospitaletan sukaldean dauden gehiengoa emakumeak dira, aldiz, garbiketa makinekin ari direnak gizonezkoak eta soldata diferentzia handia da". Zerbitzuetan erreginak, eta pobreak Enpleguaren feminizazioak zera esan nahi du: emakumeen bizitza eta lana zehaztu duten ezaugarriak –ezegonkortasuna edo lan anitzei aurre egin beharra, kasu– gero eta enplegu gehiagotara ari direla zabaltzen, gizon eta emakumezkoek okupatzen dituztenak. Lan munduak feminizazio prozesu orokorra bizi duela esateak ez dakar, ordea, sexuaren araberako lan banaketa murriztea. Hain zuzen, emakumeek dituzte lan merkatuko kontraturik prekarioenak, zerbitzuen sektorean gehiengoa direlako. Emakunderen arabera, EAEn hamar emakumetik bederatzik egiten du lan zerbitzuetan. Aldiz, prestigioaren eta ordainaren beste muturrean dauden sektoreetan, eraikuntzan eta industrian bereziki, hiru laurdenak baino gehiago gizonezkoak dira. Emakumeak lan merkatura sartzen joatean, eurek betetzen zituzten lanak oso modu prekarioan merkantilizatu dira, zaintzaren sektorea da adibide garbia. "Emakumeak merkatuaren interesen arabera sartu gara lan mundura,  ingurukoen ardura eta beste lan guztiak utzi gabe. Ez gabiltza gizonen baldintza berdinekin, eta horrek, lanaldi murriztu inposatua dakar", azaldu du LABeko langileak. Lanaldi murriztua edo partziala dutenen ia %80 emakumeak dira eta hauetatik nahita hori aukeratzen dutenak oso gutxi. Ibeasek dioenez, "hori da lan merkatuak eskaintzen dien aukera bakarra. 400-500 euroko soldatez ari gara, bizitza proiektu bat ateratzeko ezinezkoa. Azkenean, sistema kapitalista heteropatriarkalaren logika du, emakumea menpeko bihurtzen baitu. Gizonaren soldatak eusten du etxeko ekonomia, eta emakumearenak osatu. Sistemak bere sostengurako behar du diskriminatu". Argazkian, 2016ko martxoan Errenterian etxeko langileek egindako elkarretaratzea. Etxeko langile ia denak emakumeak dira eta gehienak atzerritarrak. Argazkia: Andoni Canellada / Argazki Press Sabaia ezin hautsi Okerren ordaindutako lanpostuetan gehiengoa izatearekin bat, emakumeak  gutxiengo nabarmena dira lanpostu altuenetan. Ardura kargu hauetara iristea eragozten dien oztopo ikusezinak, kristalezko sabaiak, eragin zuzena du soldata arrailan, zenbat eta altuagoak ordainsariak orduan eta handiagoa baita emakume eta gizonen arteko irabazien diferentzia. Hamar kargu exekutiboetatik hiru baino ez dira emakumezkoenak eta urrun daude oso haien gizonezko lankideen soldatengandik. Gainera, 2008ko krisiak kristala inoiz baino gehiago gogortu duela dirudi. Aginte dohainak eta lidergo postuak tradizioz gizonekin lotzea jendartean oso barneratuta dagoela dio Ibeasek, eta emakumeak botereari lotuta ikustearekiko erresistentzia agerikoa dela oraindik, izan enpresaburu zein haur eskola bateko zuzendari. Ardura postu batera iristeak ez du hartzen, gainera, zentzu bera batean eta bestean. Goi karguetara ailegatzen diren andrazkoek presio gehiago daukatela dio, postua merezi dutela etengabe erakutsi beharra. Ardura karguan egoteak enplegua beste guztiaren gainetik jartzea ere badakar sarri, desordutan bileretarako prest egotea esaterako, eta emakume ugarik ezin dute, ez badago inguruan etxeko eta zaintza lanez arduratuko denik. Horregatik, enplegura eta etxeko eta zaintza lanetara iristeko, malgutasun handiagoko postuak onartu behar izaten dituzte. Ibeasen arabera, bestalde, diskriminazioa ahantzi gabe, emakume asko ez daude prest lan merkatuko exijentzia horiei men egiteko, ez delako bateragarria bizitza erdigunean jartzea lehenesten dutenekin. Etxearen itzala lanera Emakume ugarik etxearen eta familiaren itzala gainean eramaten dute lanera. Eremu pribatukotzat ulertzen diren ardurak ia osorik haien gain uzteak ikaragarri zailtzen die bizitza pertsonalaren eta lan bizitzaren arteko oreka, eta adin batera iristean, euren ibilbide profesionala eteten dute askok. Soldata arraila 35 urtetik aurrera etengabe haztearen arrazoietako bat da hain justu haurren eta zaharren kargu egiteko garaia iristen dela etxe askotan. Balio beza datuak, Emakunderen arabera, 2014an enplegua eta familia bateratzeko neurriak (amatasun eta aitatasun baimenak, lanaldi laburtzeak edo familia zaintzeko eszedentziak) hartu zituztenen %95,5 emakumeak ziren. Gizonak %4,5 baino ez. Emakunderen Soldata arraila: eragileak eta adierazleak txostenean ageri denez, emakumeek enpleguaren gainetik familia jartzen dutenaren usteak eragina du honetan. Ingurukoen zaintzarako lan bizitza alboratzean, gizonen enpleguak haienak baino balioespen eta garrantzi handiagoa irabazten du. Beraz, bataren zein bestearen familia-babesa ere ez da parekoa, ekonomikoki bezala, motibazio zein itxaropenari dagokionean. Matxismo ilegala Legez kontrakoa bada ere, badira oraindik politika zuzenki matxistak dituzten enpresak, gizonek egindako lan beragatik emakumeei gutxiago ordaintzen dietenak. Sindikatuak behin salatutako egoera kontatu du Ibeasek: "Eskoletako janaria prestatzen zuten catering batean, sukaldean zeuden gizonezkoei, alboan lan berean ziharduten emakumeei baino 200 euro gehiago ematen zieten gutun-azal batean. Salatu ostean, emakumeei ere eman beharrean, gizonei kendu zieten eta sekulakoa muntatu zen. Diskriminazio oso zuzena da, sinesgaitza irudi lezake, baina oraindik halakoak badira". Enpresa askok gisako bazterketa zuzenak soldata osagarrien bidez estaltzen dituztela dio, lantokietan oso praktika komuna den plusen banaketarekin. Krisiaren ostean gertatutako beste kasu esanguratsu bat ere jarri du matxismo bizi horren adibidetzat Ibeasek: "Nafarroan gazta freskoa egiten zuten enpresa batean emakumeak aritzen ziren kateko lanean. Krisia iristean, kaleratu egin zituzten herrian langabezian zeuden gizonak kontratatzeko, eta zuzenean, soldata igo eta lan baldintzak hobetu zizkieten". Sektore feminizatuetara gizonak sartzean lan baldintzak nola hobetzen diren baieztatu ahal izan dutela dio, telemarketingean esaterako. Zenbakien zartada Soldata diferentziaren faktore eragileak aztertu ditugu argazki osoago baten bila. Datuak, ordea, hor daude eta lan merkatuan emakumeek jasaten duten bazterketaren isla dira: Euskal Herrian iaz batez beste 21.453 euro irabazi zituzten emakumeek, gizonek baino 7.666 euro gutxiago. Hau da, emakumezkoek %26,3 gehiago irabazi behar lukete gizonezko lankideen soldatara iristeko, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren arabera. Espainiako eta Frantziako Estatuak alderatuta, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailearen arabera, Ipar Euskal Herriko egoera sendoagoa da: "Frantziako Estatuak baditu gizarte babeserako zenbait elementu, gutxieneko 1.200 euroko soldata eta familia, langabezia edo pobrezia egoeretarako prestazioetarako beste kultura zein berme juridiko bat, kasu. Horrek Iparraldean Hegoaldean baino kohesio sozial handiagoa izatea eragiten du, bizi baldintza duinagoak eta pertsonen formaziorako sustapen eta babes gehiago izatea". Zifretara itzulita, puntuz puntu bada xehetasunik: Adinaren arabera, lan merkatura sartzen diren gazteenen artean apalagoa da soldata diferentzia. Behin 35 urteko langa igarota, ordea, hazi besterik ez da egiten, soldatak gero eta potoloagoak bihurtzen hasten direnean eta seme-alaba eta aurrerago gurasoen zaintza garaia iristean. Lan merkatuan aktibo dauden emakume eta gizonen soldaten arteko diferentzia handiena 55 urtetik gorakoen artean dago. Sektoreari behatuta, emakume gutxien dauden sektoreetan da soldata arraila txikiena, eraikuntzan edo industrian kasu. Zerbitzuen sektore feminizatuan arraila zabala da, ordea. Hala ere, Esnaolak dio EAEn, EUSTATek emandako datuen arabera, eskualde industrializatuenetan dagoela soldata arraila zabalen, Goierrin gehien, %51ko diferentziarekin. Salbuespentzat Debagoiena aipatu du, kooperatiben konpromisoagatik. Lan baldintzak hobera egin ahala, soldata diskriminazioa hazi egiten da. Honela, behin-behineko langileen artean estua da soldata arraila, eta handia kontratu finkoa dutenen artean. Kontratuaren iraupenean, Euskal Herrian enplegu partzialaren %79,5 emakumeek egiten dute eta aldi baterako enpleguan ere haiek dira nagusi, %54,3. Biak Europar Batasuneko batez bestekotik bospasei puntu gorago. Lan baldintzak hobera egin ahala, soldata diskriminazioa hazi egiten da. Behin-behineko langileen artean estua da soldata arraila eta handia kontratu finkoa dutenen artean Formazioan ikusten du Esnaolak errenta segregaziorako eltze beroa, sexuaren araberako ibilbide formatiboan. Emakumeak aitortza ekonomiko txikiagoko sektoreetan jarduteko formazio adarretara bideratzen dituzte, eta gizonezkoak, eraginkortasun ekonomiko handieneko lanbideetara. Kultura hori oso bizirik dagoela uste du. Hala, EAEn ingeniaritza eta arkitektura ikasketak lau emakumetatik batek hautatzen ditu, osasun zientziatakoak, aldiz, lautik hiruk. Segregazioa hausteko gakoak "Orain kotizazio maila baxutan ari diren emakumeek, erretiro adinera iristen direnerako zer kotizatuko dute? Titulazio handiekin jardun ekonomiko apaletan dabiltzan emakume prestuek, zein norabide hartuko dute?". Esnaolaren arabera, urte gutxi barruko prebisio sistemak argi gorriak dauzka begien aurrean. Adinekoen pobreziaren aurpegia femeninoa izango dela aurreratu du, eta horri aurre egiteko, eraginkortasun ekonomiko handiena duten sektoreetan emakumeen presentzia indartzea gakoa izango dela. Bestela, hurrengo urteetan indartze ekonomikorik badago ere, nekez aldatuko da egoera, emakumeak ez baitaude industriara bideratuta. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaio Esnaolari emakume gehien dagoen sektoreetan eraginkortasun ekonomikoa handitzea sustapen ekonomikoren bidez. Egoera aldatuko bada, giltzarria izango da bai Ibeasen bai Esnaolaren iritziz zaintza begirunez hartuko duen legedia. "Herri hitzarmena" deitu dio Esnaolak: "Herri bezala pentsatuko bagenu, zaintza, amatasuna... gure lan harremanetan ez lirateke ibilbide profesionalerako oztopo izango eta oso babestuta egongo lirateke." Joera kontrakoa dela dio, baina, Ibeasek, zaintzaren arloan murrizketak gero eta ugariagoak direla eta. Sexuaren araberako segregazio laborala eta ekonomikoa gainditzeko maila ugaritan eragin beharko da; zuzeneko diskriminazioan, lanpostuak baloratzeko irizpideetan, genero-estereotipoetan eta enpresa kulturan, besteak beste. Gainontzean, kristalezko sabaiaren pean, menpeko lan bizitza bermatuko da hurrengo belaunaldietako emakumeentzat.
news
argia-7f6a0ef57464
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/haizea-barcenilla-arte-kritikaria.html
"Diru publikoz hornitutako museoekin zorrotzagoak izan behar genuke"
Lander Arretxea
2017-01-01 00:00:00
"Diru publikoz hornitutako museoekin zorrotzagoak izan behar genuke" Arte kritikaria eta komisarioa da Haizea Barcenilla (Lezo, 1981), baita EHUko Artearen Historiako irakaslea ere. Berria egunkariko zutabeetan begirada gertukoa eta kritikoa eskaintzen die artearen bueltako azken gertakariei. Zorroztasun hori egiaztatzeko saiakera egin dugu guk, museoen funtzionatzeko eraz, erakundeen paperaz eta prekarietatearen arteaz galdetuta. Etorri bezala joan da 2016. urte hau, konturatzerako. Batzuen oroimenerako izango da Fidel Castro eta Leonard Cohenen heriotzaren urtea, Bob Dylanen Nobel arena, Angela Davis Euskal Herrira etorri zenekoa, Joseba Sarrionandiaren argazkiarena, Maialen Chourrauten urrezko dominarena… Baina izan da, baita ere, Donostiako Kultur Hiriburutzaren aitzakian, erakundeetako ordezkarien ahotan "kultura", "artea" eta antzekoak gehien errepikatu diren urtea. Guggenheim eraiki zutenetik, ez da halakorik gogoratzen. Eta paradoxa: izan da, Bilboko Guggenheim eta Arte Ederren museoetako langileek artearen erakusleihoen atzeko prekarietatea salatu duten urtea ere. "Atzerapauso handia iruditzen zait Bilboko Arte Ederren museoan orain egin dutena. Miguel Zugaza izendatu dute zuzendari hautaketa prozesurik gabe" Aldarrikapenak bertsuak izanagatik, oso desberdina izan da langile batzuen eta besteen emaitza. Bilboko Arte Ederren Museoan arreta zerbitzua eskaintzen zuten langileek soldaten igoera adostu zuten 41 eguneko lanuztearen ondoren. Guggenheimek aldiz, baldintza duinak aldarrikatzen zituzten 18 hezitzaile azpikontratatuak kaleratu ditu, haien partez hiru lagun kontratatzeko. Hori guztia ulertzeko bada ezinbesteko irakurgai bat: Haizea Barcenillak Jakin -en uztaila-urriko alean argitaratu duen Kultur politikak: paradigma aldaketa artikulua, eta aipatzen duen gertakari segida. Guggenheim Bilbao Museoa instituzio publiko izan beharrean diru publikoa jasotzen duen fundazio gisa sortzeak domino efektua ekarri zuela azaltzen du bertan: Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Gasteizko Artiumek esaterako, bide bera hartu zutela gero. Fundazio horiez, erakundeekin duten harremanaz eta horrek sortzen dituen prekarietate egoerez galdegin diogu. Tokion hilabeteko egonaldi artistikoa egiten ari den arren, erantzuteko tartea eskaini digu. Denbora gutxian Guggenheim zein Bilboko Arte Ederren museoko langileen gatazkak egin du eztanda. Zer dago horren atzean? Emaitza desberdinak zerikusia izan du erakunde publikoek kasu batean eta bestean izan duten jarrerarekin? Legalki biak dira fundazioak, horretan ez dago alde handirik. Ez dira publikoak eta estatus legal berezia dute. Baina Arte Ederren Museoa EAEko instituzio publikoek lagundua dago ia osotasunean, eta Guggenheimek aldiz akordio berezia du AEBetako Guggenheim fundazioarekin. Erakundeek Guggenheimen oso gutxi sartzen dute eskua, eta Arte Ederren Museoan pixka bat gehiago, gauza zehatz batzuetan bakarrik bada ere. Adibidez, zuzendaria nahieran aukeratu ahal izan dute, eta askatasun osoa izaten du nahi duena egiteko, ia plangintzarik gabe. Hala ere, uste dut Arte Ederren Museoaren kasuan ahalegindu direla langileekin egon den gatazka konpon zedin eragiten. Guggenheimen kasuan ez ordea. Lan baldintza prekario horiek lotuta daude museo hauen fundazio izaerarekin? Edo bestela esanda, formula aproposa iruditzen zaizu? Arriskutsua iruditzen zait. Nahiz eta diru-sarreren ehuneko oso handia publikoa izan, eta zerbitzu publikoa eskaini, legalki ez dira publikoak. Beraz, eskubidea dute langileekin haien lan-baldintza bereziak ezartzeko. Ez dituzte bete behar erakunde publiko batean bete behar diren kontratazio sistemak, ez da deialdi publikorik egin behar… Goi karguen hautaketan batetik, eta langileen lan-baldintzekin bestetik, maiz gaizki erabiltzen den askatasuna dute. Zenbatekoa da horretan erakunde publikoen eragiteko gaitasuna? Ados ez badaude, diru-laguntzak kentzea da errekurtso bakarra. Hori oso erabaki erradikala litzateke, oso muturreko egoeratan soilik hartuko luketena. Beraz, eragiteko aukera txikia da. Programazioan izan behar dute independentzia, noski, kriterio batzuk politikoak direlako eta beste batzuk artistikoak. Baina, lan baldintzetan edo berdintasunean, erakundeek zeresan handiagoa izan behar dute. Bestalde azpi-kontratazioek ere eragiten dute horretan, eta halakoak badaude fundazioak ez direnetan ere. Takiletan, gelak zaintzen, hezkuntzan… Halako lanetan dauden asko azpikontratatuak dira, eta hor beti dago enpresa bat diruaren zati bat eramaten duena, ez dituena langileen baldintzak hobetu nahi. Museoentzat modu bat da jendea taldean ez izateko, eta gainera, hiru-lau urtean behin kontratazioa ateratzen duzunean, kostuak murrizten saiatzeko. Demagun hiru enpresa aurkezten direla: eskaintza ekonomiko merkeena duenak puntu gehiago izango dituenez, azpi-kontratazioetan lan-baldintzak prekarioak izateko aukera handia da. "Bilboko Arte Ederren museoan gertatzen dena oso larria iruditzen zait: ez ditu emakumeek egindako artelanak erosten ez erakusten" Zeintzuk behar lukete diru publikoz hornitutako fundazio horien gutxieneko betebeharrak? Badaude betebehar batzuk ezinbestekoak izan beharko luketenak. Badago, adibidez, kargu nagusietarako pertsonak kontratatzeko praktika aproposak zeintzuk diren zehazten duen gida bat. Tabakaleran bete zen, horrela sartu zen Ane Rodriguez zuzendaria, eta nazioartean ere aplikatzen da. Horren aldean, atzerapauso handia iruditzen zait Bilboko Arte Ederren museoan orain egin dutena. Miguel Zugaza izendatu dute zuzendari hautaketa prozesurik gabe. Ez dut zalantzan jartzen bere gaitasuna, baina ez da inorekin lehiatu eta ez du proiekturik aurkeztu behar izan. Bilboko Arte Ederren museoarekin jarraituz, oso larria iruditzen zait gertatzen dena: ez ditu emakumeek egindako artelanak erosten ez erakusten. Erakunde publikoek hori onartzea lotsagarria iruditzen zait. Uste dut exijitu beharko liratekeela gutxienez hiru gauza horiek: kargu altuen hautaketarako bide irekiak, lan-baldintza gutxienekoak eta berdintasunaren bermea. Ez da museo edo gune jakin bat, baina aurten artea eta erakunde publikoak parez pare jarri dituen gertakizun handia Donostiako kultur hiriburutza izan da. Prekarietateari soldatatik bakarrik begiratzen badiogu, ez dut uste 2016ko langileek soldata txarra dutenik. Gertatzen dena da kontratatuak daudela behar direnak baino askoz pertsona gutxiago. Gauza bera gertatzen da Tabakaleran eta beste museo askotan. Jendea ez da iristen bere lana egitera, eta askok ordu gehigarriak egin behar dituzte etengabe. Hori azkenean beste prekarizazio mota bat da, pertsona bati bi pertsonaren lana egitea eskatzen zaiolako. Beste prekarizazio mota bat ere badago ekitaldi mota honekin oso lotua. Diru asko sartzen da denbora gutxian, jende askori lana ematen zaio, baina urtea bukatu eta berehala kalera doaz denak. Amaitzean, jende prestatu eta baleko mordoa dugu, baina luzaroan ez duena esparru horretan lanik izango. Diru gehiago bideratu baldin bada bost urtez kulturara, esan nahi du beste esparru batzuei kendu zaiela, eta ziur asko orain kulturari kenduko zaiola beste esparru horiei itzultzeko. Lanpostuak ere gutxituko dira, beraz. Banketxeek ere izan ohi dute parte-hartzea artearekin lotutako fundazio eta gune handietan… Badu horrek arriskurik? Niretzat idealki erakunde hauek publikoak izan beharko lukete, eta diru publikoz soilik hornitu. Horrek ez du esan nahi lankidetza denak txarrak direnik, injerentziarik ez dakarren bitartean. Bankuek normalean ez dute ikuspegi oso kritikorik arteari buruz. Sustatzen dute arte bat xamurragoa dena, errazagoa dena, azalekoa… Horrek ekar dezake praktika esperimentalagoak, kritikoagoak edo probokatzaileagoak moztea. Ez dut uste Tabakaleraren kasua hori denik, espazioak oso banatuta daudelako, baina aurrekontuak mozten dituztenean, hori gertatzeko arriskua ikusten dut. Alderdi eta erakunde publikoek ere askotan salgarria eta ikusgarria den neurrian baloratzen dute artea… Azken bolada honetan lehentasuna ematen zaio espektakularragoa den horri. Denak izan behar du intentsua eta denbora gutxian jende asko erakartzeko modukoa. Hori normalean artearentzat ez da oso egoera ona. Arteak behar du ikerketa, lana, denbora… gero azken emaitza argitara eramateko. Ikusgarritasuna prozesuaren zati bat besterik ez da. Horrekin lotuta, ez da ahaztu behar artearen munduan prekarioenak ez direla museoetako langileak, artistak baizik. Haiek dira museoak eta arte zentroak betetzen dituztenak, baina baita zailtasun handienak dituztenak ere. "Arte Ederren Museoaren kasuan erakunde publikoak ahalegindu dira langileekin egon den gatazka konpon zedin eragiten. Guggenheimen kasuan ez ordea" Zein izan daiteke erakunde publikoen funtzioa egoera horri buelta emateko? Egiten da ahaleginik? Ez da bide nahikoa egin horretan. Ia dena dago egiteko. Gainera, azken urteotan atzera ere egin dugu. Krisia dela eta, leku askotan artistei ematen zaien ordainsarietan egin dira murrizketak. Badakit hainbat kasutan ezer kobratu gabe erakustea eskaintzen dela, baita diru mordoa mugitzen duten ekitaldi eta gune handietan ere. Erresidentzia eta egonaldiak badaude, baina normalean motzak izaten dira eta ez dute bizibide bat ematen, produkziorako dirua baizik. Oso ongi etortzen zaie artistei, baina beste lan batekin uztartu behar izaten dute, gero ordu libreetan proiektu horiek aurrera eramateko. Badaude laguntzeko beste bide batzuk. Oso ezaguna izan zen Herbehereetakoa, adibidez. Bi edo hiru urterako bekak ematen zizkieten hasiberriei haien lanak garatzeko, hautaketa fase baten ondoren, beti ere. Estatuak ordaintzen zien artista gisa garatzeko eta gero horren truke publikazioak eta hitzaldiak egin behar zituzten, baina gutxienez, bazuten hasi ahal izateko bide bat. Euskal Herrian, gaur egun, asko jota bost izango dira artea eginez soilik bizi daitezkeen artistak, ez gehiago.
news
argia-110ae845a2fc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/orbel-mordoa.html
Orbel-mordoa
Jakoba Errekondo
2017-01-01 00:00:00
Orbel-mordoa Kaskarinari deitzeko orbel edo orbel-herriko erabili izan da. Ez zait iduritzen gaur egun inor askok erabiliko duenik, baina indarberritu genezake. Zergatik ez "orbel-herriko" deitu ia herriero kale eta parkeetako zuhaitzak hostoa bota eta orbeldu baino lehenago mugarrotu edo ia enborretik mozten dituztenei. Horiek baino kaskarinago gutxi ezagutuko dituzu... Hostoa orbeldu baino lehenago, alajaina. Halako krimenik! Espaloi eta bideetan orbela ez izateagatik, garbizalekeriagatik. Orbela ez biltzeagatik... Txartxoa! Makina bat orbel bildu izan da gure txaretako eta basoetako orbeldietan eta orbeltzatan haizeak pilatutako hostaila iharra. Baita gaztainadietako ( Castanea sativa ) eta tankera bereko zuhaizti soilago edo sareagoetakoa ere. Lizardik ederki adierazi zuen horietako belarren negua bere Biotz-begietan : "Zelaiek, orbelpean, ametsetan orril". Gurdika galantak jaitsiko zituzten borda eta ukuilu inguruetara. Orbela arina izaki, eta joan-etorri behingoan ahalik eta gehien garraiatzea komeni. Arrakereta edo palka, arrataula edo burtola, ederki kartolatuko ziren kurtetxeak eta organetxeak ahalik eta orbeltza handienak etxeratzeko. Orduan osatuko zituzten orbel metak bezalakorik ez dut inoiz ezagutu. Non edo han, bai, orbel pilaren bat, baina metarik, meta esaten zaionik ez. Belar onduaz ere hala esaten dugu guk: "Edozein belar pila ez da meta". Juan Martin Elexpuruk Bergara aldeko hiztegia -n jasoa du nekazarien artearen beste adibide eder bat: errekari hesia jartzen zioten urak bildutako orbela pilatzeko, orbelontzia deitzen omen dute. Han batutako orbelarekin lurrustela egiten omen zuten gero soroaren ongarri erabiltzeko. Izan ere, zertarako hainbeste lan hartu? Balio handiko lehengaia behar zuen izan orbelak orgak goraino kartolatzeko, metak egiteko, erreka hesitzeko... Batez ere azpietarako, simaurra luartzeko edo zuzenean bera lurrusteldu eta ongarri gisa erabiltzeko. Lehengaia bai, eta ez nolanahikoa! Balio handikoa. Orbel-mordoa esaten zaio diru-billete pilari.
news
argia-a3b974c1c43b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/ultraeskuina-eta-esperantza.html
Ultraeskuina eta esperantza
Gorka Moreno M�rquez
2017-01-01 00:00:00
Ultraeskuina eta esperantza Euskal Immigrazioaren Behatokiak urtero egiten duen etorkinen inguruko jarrera ikerketan –Barometroa delakoan– ideia hauek gailendu dira: diru-sarrera gutxien duten pertsonek jarrera ezkorrena agertzen dute etorkinen aurrean. Ostera, egoera ekonomiko hoberenean daudenek iritzi irekienak azaltzen dituzte. Ez da harritzekoa. Ondo daudenei etorkinen etorrerak ez die inongo kalterik sorrarazten lan-munduan sartzeari begira, gainera, baliabide ekonomikoei esker etorkinez baliatu daitezke euren beharrak asetu ahal izateko, adibidez, etxeko lan edota zainketa pertsonaletarako. Beste era batera esanda, abantaila asko eta kalte gutxi. Gizarte egituraren beste muturrean daudenei, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie, etorkinak lehiakide dira lanpostu prekarioenak lortzeko edota zenbait gizarte-prestazio eskatzeko. Elementu hori oso garrantzitsua da ultraeskuinaren gorakada ulertzeko, baita planteatu dituzten jarrera xenofobo eta arrazistak ere ulertzeko, Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan. Gero eta gehiago dira globalizazio eta lan-merkatuaren tendentzia berrietatik at gelditzen ari direnak, lan merkatuan soberakinak baino ez direnak eta euren bizitza osoan aukera gutxi izango dutenak egoera horretatik irteteko. Prekariadoa da talde horren izena. Egonkorra eta segurua zen testuingurutik zaurgarritasuna eta behin-behinekotasuna nagusi diren errealitatera pasa dira. Ezkerreko alderdiek zein sozialdemokrazia klasikoak ez diete erantzunik ematen euren beharrei, klase ertain aurrerakoien tokia hartzen ari dira. Sortu den hutsune horretan ultraeskuinak bere espazioa bilatu du, prekariado horrek entzun nahi dituen hitzak erabiliz hain zuzen ere: zuek zarete lehentasuna, mugak itxiko ditugu "besteak" ez etortzeko eta "besteen" produktuak ez sartzeko. Hots, kasu egiten dien norbait behar dute, ez goitik begiratzen dienaren sermoia: "Arrazista hutsa zarete". Ez dut uste, zintzoki, Donald Trump AEBetan edota Marine Le Pen Frantzian bozkatzen duten gehienak arrazistak direnik, asko jota xenofobia posizionala erakutsi dezakete, baina ez ideologikoa. Hori argi izan beharko genuke gizartearen sektore hori mespretxuz begiratzen dugunean, euren ikuspuntua zalantzan jarri beharrean indartzen ari garelako, eta Trump eta enparauei aukera gehiago eskaintzen diegulako. Partida beste jokaleku batean dago eta ez badugu hori ikusten, ultraeskuinaren gorakada etengabekoa izango da. Ez dezagun ahaztu, ultraeskuinak egoera zaurgarrian dauden pertsonei entzun nahi dutena eskaintzen diela: "Esperantza". Ez gehiago, ez gutxiago ere.
news
argia-75ae81f5a81e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/mertxika-saskien-kirol-berria.html
Mertxika-saskien kirol berria
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-01-01 00:00:00
Mertxika-saskien kirol berria Springfield (Massachussetts, AEB), 1891ko abendua. Baloi bat saskietan sartzean zetzan kirola jokatu zen lehenengoz. Iturri gehienek diote hilaren 15ean izan zela, beste batzuek 21ean; kontua da saskibaloia duela 125 urte jaio zela. Garai haietan James Naismithek (1861-1939) gimnasia irakasle gisa lan egiten zuen YMCA (Young Men's Christian Association) eskolan, Springfielden (ez nahastu The Simpson saileko protagonistak bizi diren Springfieldekin; AEBetan dozenaka Springfield daude eta saioaren sortzaile Matt Groeningek jakinarazi zuen marrazki bizidunak  Oregoneko Springfielden "bizi" direla). Naismithek enkargu bat jaso zuen:  neguko eguraldi hotzaz babestuta eta sasoian egoteko, ikasleek aterpean egin zezaketen jarduera bat asmatzea. Handik gutxira gimnasioan agertu zen futbol baloi bat, mertxikak biltzeko bi saski eta hamahiru joko-arau zituela. Saskiak pabilioiko hormetan zintzilikatu zituen, parez pare, lurretik hamar oinera; egun, oraindik, saskiak lurretik 3,05 metrora daude. Arauek zioten bederatzi jokalariko bi taldek elkarren aurka jokatuko zutela hamabost minutuko bi zatitan, tartean bost minutuko atsedenaldia utzita. Baina eskolako arduradunek beste gauza bat ere eskatu zioten gimnasia irakasleari: kirol berria ez zedila bortitza izan. Eta lehen partidan behintzat, Naismithek ez zuen lortu baldintza betetzea. Hainbat jokalarik odoletan edo begia ubelduta bukatu zuten, bati sorbalda dislokatu zitzaion eta konortea galdu zuen beste batek.  Jokalariei falta adierazteko edo jokalekutik egozteko baldintzak zehaztuta zeuzkan kirolaren sortzaileak jatorrizko hamahiru arau horietan, baina ez zen nahikoa izan erizaindegia saihesteko. Partidaren ondoren 3. araua aldatzea erabaki zuen, eskatu bezala, jokalarien arteko kontaktua ahal zen neurrian apaltzeko. "Jokalariek ezin dute lasterka egin baloia eskutan atxikita" zioen 3. arau berridatziak. Aurrerantzean, esaldi horrek lehen eguneko plakaketa eta kolpeak murriztea eragin zuen, eta kirol berriaren mugimenduak eta estiloa taxutuko zituen punparen inguruan. Jokalari kopurua ia erdira murrizteak ere lagundu zuen lehia baretzen.
news
argia-d96f06256a18
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/eskandalagarria-da.html
Eskandalagarria da
Jon Alonso
2017-01-01 00:00:00
Eskandalagarria da Gauza gero eta eskandalagarriagoa da. Ekonomia, mozorro moduan erabiltzen den hizkera kabalistikoaz jabetuz gero, lau arauak dakizkien edozeinek ulertzen ahal duen zientzia da (edo, gutxien-gutxienez, a priori uste genuena baino askoz ere errazago uler daitekeena). Falta zen hizkera kabalistikoaren azpian zer dagoen erakusteko prest zegoen jendea; baina gero eta gehiago dira mozorroa eranzten laguntzeko prest dauden ekonomialariak (Oliveres, Toussaint, Navarro, Torres…). Eta mozorroa erori ahala, benetan gertatzen ari dena agerian geratzen denean, ikusten duguna eskandalagarria da. Jakina, euro aldeko estatuak zordun dira; baina ez langileok "gure ahalen gainetik" bizi izan garelako, banku pribatuei milaka milioi euro eman behar izan dizkiegulako baizik (El País, 2016–09–06: Espainiako Estatuak bankuei 51.303 milioi euro eman zizkien eta 2.666 milioi berreskuratu ditu, %5). Horri lapurreta esaten zaio euskaraz, nik uste. Baina estatuak zorpetuta daude, eta Nazioarteko Diru Funtsak (IFM), Europako Banku Zentralak eta enparauek, hau da, botere ekonomiko errealak, haiei komeni omen zaielako, defizit-muga bat inposatu diete estatu zorpetuei (baina erortzen diren bankuen zuloak estaltzeko ez dago mugarik). Jakina, eragiketa erraza da: defizit handia + ezin zorpetzea = gastu soziala gero eta txikiagoa, edo beste batzuek esaten duten bezala, ongizate estatuaren hurrenez hurreneko eraispena. "Pentsioen itsulapikoa" deitu dutenaren arpilaketak eta gastu sozialaren murrizketak pentsioen erreforma dakarte, besteak beste, "sistema jasanezina delako" (baina bankuei nahi beste diru ematea, beharrezkoa izan denean, hori ez zen jasanezina). Pentsioen erreformak, orain artekoak eta etorriko denak, gero eta jende gehiago plan pribatuak kontratatzera bultzatzen du. Honela, lehendabizi aurrekontu orokorren murrizketaren bidez egin diguten lapurreta biribiltzeko, gure aurrezkien bila oldartzen dira (aurrezkirik daukatenen kasuan, behintzat). Diru-transferentzia itzel bat gertatzen ari da soldatapekoen poltsikoetatik kapitalaren jabeen poltsikoetara. Eta txarrena da disimulatzen ere ez direla saiatzentresaka Eskandalagarria da. Obszenoa. Alegia, diru-transferentzia itzel bat gertatzen ari da soldatapekoen poltsikoetatik kapitalaren jabeen poltsikoetara. Sekula ezagutu den iruzur kolektibo handienetakoa, zalantzarik gabe. Eta txarrena da disimulatzen ere ez direla saiatzen, hain ikusten gaituzte mendeko, morroi, beldurtu, garaitu. Ardi. Baina lasai, bere planetarako norberak Edurne edo Amaia lagun edukiz gero, ez dago arazorik. Ez zenuten normalizaziorik nahi? To normalizazioa. Zer normalagoa, lapurreta global eta itzel hau euskara jatorrean ere publizitatzea baino, domeka arratsaldero, ordu erditik behin? Edurne, Amaia, ez arduratu nitaz, ni beste planeta batekoa naiz.
news
argia-2203a9b164f5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/lurrarekin-bat-sorkuntza-bultzatuz.html
Lurrarekin bat sorkuntza bultzatuz
Garazi Zabaleta
2017-01-01 00:00:00
Lurrarekin bat sorkuntza bultzatuz "Otarregintza ekintzailea". Izenburu kurioso horrekin topo egin dut postontzi elektronikoan. Ozaetako (Araba) Garaion Elkarteak abenduaren 17tik urtarrilaren 18ra bitartean martxan jarri duen ikastaroa da. "Arkitektura eta diseinu berdeentzako aukera berriak" azpitituluarekin abiatu dute, langabetuentzako. Lanbide zaharrak, lan aukera berriak "Plastikoa iritsi aurretik Euskal Herrian oso lan garrantzitsua zen otarregintza, eta hori berreskuratzea eta bide berriak ematea da ikastaroaren helburuetako bat", kontatu digu Amaia Gabilondo Garaion Elkarteko kideak. "Josteko" hainbat teknika ikasiko dituzte parte hartzaileek, erabilitako materialaren arabera: zumea, hurritza, gaztainondoa, lastoa… hamaika dira otarregintzan erabil daitezkeen zuhaitz-landareak.     Behin "josteko" oinarrizko teknikak ikasita, hesiak egingo dituzte ikasleek. Zumearekin itxituak, txabolak, gerizpea emateko txokoak, aterpeak, igluak… forma eta egitura ugari sortu dituzte Garaionen lehenagotik. "Ikastaroko azken hiru egunetan eskola bateko jolas parkean gure proiektua eginen dugu, orain ari gara eraikiko duguna pentsatzen, eztabaidatzen eta diseinatzen", azaldu digu Gabilondok. Ikastaroan, gainera, nazioarteko artisau eta artistekin elkarlanean aritzeko aukera izanen dute. Natura, sorkuntza eta ondare soziala Duela zortzi urte sortu zuten Ozaetako Garaion elkartea, lehenagotik martxan jarriak baziren ere. Hasieratik, naturarekiko harremana bultzatzea, sorkuntza gizarteratu eta pertsonengan piztea eta ondare soziala (auzolana, euskara, lanbide zaharrak…) balioan jartzea izan dira bere helburu nagusiak. Hamaika ekimen, ikastaro, tailer nahiz jarduera antolatu dituzte bide horretan geroztik. Esate baterako, urtero antolatzen duten Agroekologia ikastaroa abiatu dute aurten ere, abenduaren 19tik aurrera.     "Nekazari asko bisitatzen ditugu, esperientziak gertu-gertutik ezagutzeko eta gaur egungo laborarien bizimodua ikusteko", dio Gabilondok. Egungo gizartean duten aitortza falta ere azpimarratu du Garaiongo kideak.     Indar berezia jartzen ari dira azken aldian sorkuntzan: "Sorgingunea (Sortzaileentzako Gunea) euskaraz sortzen duen edo euskaraz sortu nahi duen jendeari irekita dagoen espazioa da. Entseguak egitera edota sormen prozesuak bertan bizitzera etortzeko, gure etxeko ateak zabalik daude", dio Gabilondok, gogotsu.
news
argia-5678077e9816
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/cristina-alvarez-baquerizo-ingurumen-abokatua.html
"Gobernuek Petronor estrategikotzat badute esan dezatela, baina eztabaidatu dezagun garbi findegi bat herri baten erdian izatearen ondorioez"
Unai Brea
2017-01-01 00:00:00
"Gobernuek Petronor estrategikotzat badute esan dezatela, baina eztabaidatu dezagun garbi findegi bat herri baten erdian izatearen ondorioez" Guraso bizkaitarren alaba da Cristina Álvarez Baquerizo ingurumen-abokatu madrildarra. Eta azken urteetan Bizkaira etortzea egokitu zaio sarri, Petronorren jardueraren aurka lanean ari diren Muskizko hainbat herritarren abokatua baita. Bidea hasi zuenean laburrerako izango zela pentsatu zuen, orain iruditzen zaio Petronorren aurkako auzietan jardungo duela betiko. "Nire aldetik, primeran". 2008an izan zenuen lehen harremana Muskizekin, Udalak kontratatu zintuenean. Udalak Petronor findegiaren zabalkunde proiektuaz azterketa bat egin nahi zuen, eta lehiaketa publikoa atera zuen. Nik irabazi nuen. Udala, artean, zabalkundearen aurka zegoen, eta hala adierazi zidaten. Nolanahi ere, txosten serio eta dokumentatua egiteko eskatu zidaten, ez lerratua.  Ez omen zen lan erraza izan. 30 urte neramatzan abokatu, eta jaso nuen espedientea bezalakorik ikusi gabe neukan. Milaka artxibo hainbat karpetatan banatuta, izendatu gabe, aurkibiderik gabe… Saiatu ginen Eusko Jaurlaritzatik txosten ordenatu bat lortzen, eta honela erantzun ziguten gutxi gorabehera: "Baina inork sinets dezake norbaitek espediente osoa irakurriko duenik?". Horrek erabat txunditu ninduen. Tira, aztertzen hasi eta ohartu ginen lehen gauza izan zen Petronor jarduera-baimenik gabe ari zela lanean betidanik. Inori ez zitzaion bururatu halakorik beharko zuenik, nonbait. "Petronorri baimena emateko egindako ingurumen-inpaktu azterketan ez zuten kontuan izan herritarren osasuna" Baimen hori izango du dagoeneko. Bai, noski. Dena den orain ez da jarduera-baimenik ematen; ezaugarri horiek dituzten industriei ematen zaiena Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) da. Eta hori badu Petronorrek, Eusko Jaurlaritzak prozedura bitxi baten bitartez emana. Izan ere, hamar baimen eman dizkiote, bata bestearen ondotik eta bakoitzak aurrekoa osatuz. Horien guztien aurka prozedurak hasi ditugu. "Hasi ditugu" diozunean, Muskizko bizilagun taldeez ari zara? Bai. Zehazki, Meatzaldea Bizirik koordinadorarako aritu naiz lanean azken urteetan, dohainik. Udalarentzat lana amaitu nuenerako konturatu nintzen ez zutela jadanik Petronorren aurka jotzeko asmorik. Baina bitartean herritarrak ezagutzeko aukera izan nuen; koordinadora antolatutakoan, haientzat lan egiteko eskaini nuen nire burua. Gaia ondo ezagutzen nuen ordurako, milaka artxibo aztertu eta gero. Baina ez nukeen sekula pentsatuko kontuak hain luze joko zuenik.  Hasteko, Muskizko eta Abantoko udalek Petronorri emandako jarduera-baimenen kontra jo zenuten. Bai. Egia esan behar badizut, nik garai hartan pentsatzen nuen: "Hauei bihar bertan itxiaraziko diete findegia". Kontu erraza izango zela uste nuen, denbora eta lan apur bat besterik eskatuko ez ziguna. Hainbeste lege urratze zegoen… Bai Abantok bai Muskizek emandako baimenen aurkako prozedurak aise irabazi genituen Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Baina Petronorrek helegitea aurkeztu zuen, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) arrazoia eman zien. Horrez gain, Jaurlaritzak emandako IBBaren aurka aurkeztutako helegiteak ere galdu genituen. Auzi horiek guztiak EAEANeko areto berean ebatzi ziren. IBBa emateko modua bitxia izan zela esan duzu. Hamar baimen eman zituen Jaurlaritzak, bakoitza aurrekoaren osagarri, eta denen aurkako helegitea aurkeztu behar izan zenuten. Hori da auzi honetan egon den beste gauza ezohikoetako bat. Baimen horiek arautzen dituen espainiar legeak dio prozedura bat dagoela IBB bat emateko, eta IBB hori aldatzeko sistema zorrotza ezartzen du. Ezin da aldatu Eusko Jaurlaritzari egoki iruditzen zaion edozein gauzarengatik. Baina kasu honetan, legeak aurreikusten ez dituen arrazoiengatik egin dira aldaketak. Bide batez, esan dezagun horrek desoreka handia sortu duela Petronorren eta herritarren arteko lehian, besteak beste tarte batez Gallardón ministroak ezarritako justizia-tasen legea izan genuelako indarrean, eta tentu handiz jokatu behar genuelako zer helegite ipini erabakitzeko orduan. Orain behintzat lasai ibil gaitezke alde horretatik. EAEANek Petronorri arrazoia eman eta gero, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zenuten, eta hura ere findegiaren alde. 2016ko martxoan izan zen hori. Bai. Baimena ondo emanda dagoela esan zuten, baina epaiak ez zituen aztertu guk emandako argudioak.    "2008an, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari nagusiak txosten bat kaleratu zuen esanez ez zeukala esateko ezer, ez baitzegoen osasunari buruzko informaziorik. Auzitegiak ontzat eman zuen hori, baina herritarren osasunaz ezer ere ez jakitea sinestezina da. Izan ere, gezurra da". Zer argudio? Nik uste nuen azkenean guri emango zigutela arrazoia, batez ere, gauza batengatik: IBB eman aurretik egindako ingurumen-inpaktu azterketetan, ez zuten kontuan izan osasunarenganako inpaktua. Legeak ez du horri buruz zalantzarako zirrikiturik uzten, baina azterketa hori ez da inoiz egin. 2008an, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari nagusiak txosten bat kaleratu zuen esanez ez zeukala esateko ezer, ez baitzegoen osasunari buruzko informaziorik. EAEANeko prozeduretako batean haren testigantza eskatu genuen, eta gauza bera esan zuen. Auzitegiak ontzat eman zuen hori, baina herritarren osasunaz ezer ere ez jakitea sinestezina da. Izan ere, gezurra da. Auzibide hauek prestatzen ari ginen garairako argitaratuta zeuden EAEko hilkortasun-atlasari buruzko lehen datuak, eta hor ikus zitekeen eskualdeko herrietan hilkortasun handiagoa zegoela arnasbideetako minbiziengatik. Datu horiek eskuetan izanda findegi bat handitzeko baimena eskatzen badizute, urtero milaka tona kutsatzaile gehiago ekarriko duena, Osasun Publikoko zuzendari batek egin behar lukeen lehen gauza arrisku-azterketa bat egiteko denbora tarte bat eskatzea da. Uste nuen Auzitegi Gorenak osasunarenganako inpaktuei emandako arreta falta hori kontuan izango zuela, baina funtsean esan ziguna izan zen guk frogatu behar genuela kausa-efektu erlazioa.   Horrek ez du talka egiten zuhurtzia printzipioarekin? Bai. Izan ere ni hein batean lasaitu ninduen Auzitegi Gorenak epaia eman baino hilabete batzuk lehenago, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) bilera batera deitu izanak. EIAk txosten bat egiten du bi urtero, Alerta Goiztiarrei buruzko Ikasgai Berantiarrak izena duena; jarduerak edo produktuak baimentzean zuhurtzia printzipioa aintzat ez hartzeak gerora pertsonen osasunean eta ingurumenean kalteak eragin dituzten kasuak aztertzen dituzte, eta agentziak gure kasua aurkezteko hautatu gintuen. EIAko zuzendari izandako pertsona batek, Domingo Jiménez Beltránek, adierazi digu Petronorren auzian Eusko Jaurlaritzak egindako urratze larrienetako bat zuhurtzia printzipioa aintzat ez hartzea izan dela. "Legedia gauza bat da, eta beste bat osasunaren aldetik zer litzatekeen gomendagarria. Europan, aire kalitatearen araudia ahulduz joan da 2006tik " Espainiako Estatuan bideak agortuta, Europara jo duzue. Bai, udan kexa bat aurkeztu genuen Europako Batzordean. Baina oso litekeena da bide horretatik ere ezer ez lortzea. Beste bide batzuk ere badaude. Bai, batetik findegiaren kokapenari dagokiona, eta bestetik funtzionamenduari dagokiona. Bigarren horri dagokionez, gure asmoa da nazioarteko ingurumen ebaluatzaile talde bat ekartzea. Ingurumenaren egoera aztertu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak egiten ez duenez. Eta horretarako nazioarteko laguntza eta diru asko behar ditugu, denboraz gain. Momentuz ireki gabe daukagu bide hori. Jaurlaritzak, Petronorrek berak… esan ohi dute airearen kalitateari buruzko neurketak egon badaudela, eta legearen barruan daudela beti ere. Legedia gauza bat da, eta beste bat osasunaren aldetik zer litzatekeen gomendagarria. 2006tik hona, Europan airearen kalitatea arautzen duten legeak ahulduz joan dira. Urtez urte Europako Ingurumen Agentziak berak kritikatzen du hori. Besteak beste, nazioarteko protokoloak ez dira berresten ari. Adibide argi bat Göteborgeko Protokoloa da. Hemen aplikatuko balitz, Petronorrek itxi egin beharko luke. Zer dio protokolo horrek? Aireko kutsatzaileen balioak ahalik eta gehien hurbildu behar direla Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutakoei. Petronor ez da izango eskualdeko kutsadura eragile bakarra, ordea. Ez, noski. Baina bai handiena, nabarmen. Oro har, gero eta gehiago trafikoari botatzen zaio emisio kutsatzaileen errua, baina datuei begiratuta ikusten da kutsatzaile guztien kasuan, nitrogeno oxidoarenean izan ezik, jatorri nagusia industria jarduera dela. Krisian gaude ordea, eta industriak laguntza behar duenez, kontrola ahulduz joan da. Bestalde, aire kalitateari buruzko datuak ez direla zehatzak, neurketak egiteko modua ez delako egokia. "Legeak baimena ematen du neurketak eteteko findegiak geldialdiak eta berrabiarazteak egiten dituen bitartean. Baina Petronorrek 2016an denboraren %30 eman du geldialdi edo berrabiaratze faseetan, eta fase horietan izaten dira kutsadura handieneko gertaerak". Zergatik diozu hori? Arrazoi bat baino gehiago dago, baina Petronorren kasuan garrantzitsuenetako bat da legeak baimena ematen duela neurketak eteteko findegiak geldialdiak eta berrabiarazteak egiten dituen bitartean. Findegietan aditu batek esango dizu helburua dela lan baldintza normaletan zenbat kutsatzen den jakitea, baina Petronorrek, esaterako, 2016an denboraren %30 eman du geldialdi edo berrabiaratze faseetan eta fase horietan izaten dira kutsadura handieneko gertaerak. Jorratzen ari zareten beste bidea findegiaren kokapena dela esan duzu. Hasteko, itsasertzetik hurbil dagoelako, Espainiako Kostalde Legeak araututako eremuan. Hasieratik zeharo harritu ninduen Kostalde Zuzendaritzak inoiz Petronorri buruz ezer esan ez izanak. Ez 2011n legea aldatu baino lehen, ez gero. Zein lege aldaketaz ari zara? Findegia 1972ko kontzesio bati esker aritu izan da lanean, eta kontzesio hori 2012an agortzekoa zen. Guk hilabeteak zenbatzen genituen une hori iristeko, legea zorrotza baita eta ez baitu inola ere baimenik ematen halako kontzesioak luzatzeko. Beti pentsatu genuen zerbait egin beharko zutela 2012 iristen zenerako, eta bai, zerbait gertatu zen, gertatu zenez. 2011ko abenduan ekonomia jasangarriari buruzko lege-proiektu bat eztabaidatzen hasi ziren Espainiako Diputatuen Kongresuan. Eztabaidaren barruan, PSOEk –EAJrekiko paktu baten ondorioz, gero jakin zenez– zuzenketa bat aurkeztu zuen, zeinaren bitartez Hidrokarburoen legearen artikulu bat aldatzen baitzen. Eta aldaketa zen kostaldean zeuden findegien kontzesioak luzatu ahal izango zirela. Petronorren kasuan, beste 30 urterako. Zuzenketa hura ez zen eztabaidatu. Presaka bozkatu zuten eta kito. Gainera, zuzenketak dio behin luzapena eskatuta automatikoki ematen dela, hau da, Petronor dagoen lekuan gera daiteke beste 30 urtez luzamendua baimentzen duen agiririk eskuetan izan gabe. Hainbat zuzenbide katedradunen txostenek esan dute hori eskandaluzkoa dela. Agian bide hori ere irekiko dugu noizbait.  "Ona litzateke Petronorrek ekonomiari egiten omen dion ekarpen handi horretatik ingurumenari eta osasunari egiten zaion kaltea berdintzeko zati bat kentzea. Europako Ingurumen Agentziak lan ederra argitaratu zuen orain bi urte, Europako enpresa kutsatzaileek eragiten duten gastu publikoaz. Eta horien artean findegiak daude". Momentuz, ordea, Petronorren kokapena legezkoa da. Bai, eta horren aurka ezin dugu ezer egin, baina bai Kostalde Zuzendaritzak inoiz ezer egin ez izanaren aurka, eta hain zuzen horixe salatu dugu Auzitegi Nazionalean. Petronorrek alegazio bakarra aurkeztu du salaketa horren aurrean: ez dugula egiaztatu itsasertzeko eremuan daudenik. Eta egia da. Ez zitzaidan bururatu maparen bat, argazkiren bat… aurkeztea. Beraz, baliteke hori ere galtzea.      2011ko lege aldaketa hura "nazkagarritzat" jo izan duzu. Hala da eta. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak uste badute Petronorren jarduera estrategikoa dela Euskadiren ekonomiarako, esan dezatela. Baina karta guztiak mahai gainean jarrita, ez azpijokoekin. Eta eztabaida dezagun garbi findegi bat izatearen ondorioez, ezin baitigute esan gozodenda bat izatearen berdina dela. Jarduera arriskutsua da, eta herri baten erdigunea ez da harentzat leku egokia. Hitz dezagun horretaz, eta behin hitz eginda argitu dezagun mundu guztia ote dagoen findegiaren gaur egungo kokapenaren alde. Bide batez, ona litzateke Petronorrek ekonomiari egiten omen dion ekarpen handi horretatik ingurumenari eta osasunari egiten zaion kaltea berdintzeko zati bat kentzea. Europako Ingurumen Agentziak lan ederra argitaratu zuen orain bi urte, Europako enpresa kutsatzaileek eragiten duten gastu publikoaz. Eta horien artean findegiak daude.
news
argia-3117930429b8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2536/eusko-jaurlaritzak-nafarroako-gobernuak-eta-ipar-ehko-helepek-etaren-armagabetzean-parte-hartzeko-deia.html
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar EHko HELEPek ETAren armagabetzean parte hartzeko deia
ARGIA
2016-12-22 00:00:00
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar EHko HELEPek ETAren armagabetzean parte hartzeko deia Luhuson ETAren armak suntsitzeko prest ziren gizarte zibileko kideen atxiloketak soka luzea eragin du. Jarraipena egiten ari gara.
news
argia-7e8b7c97dfc3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/sofia-de-esteban-lizarbe-gorra-da-jaiotzez.html
"Beharturik gaude bizitza oso ongi antolatzera; zaila zaigu oraina bizitzea"
Eider Madina Berasategi
2017-02-12 00:00:00
"Beharturik gaude bizitza oso ongi antolatzera; zaila zaigu oraina bizitzea" Sofia de Esteban Lizarbe naiz, 44 urteko iruindarra. ASORNA, Nafarroako Pertsona Gorren Elkarteko koordinatzaile gisa egiten dut lan. Sortzez naiz gorra, baina ez gor-mutua askok uste duen bezala. Gure komunitatea oso plurala da, entzumen galera maila eta ahozko komunikaziorako gaitasun ezberdinak ditugu. Oso errotuta dago gor-mutu kontzeptua, baina jendarteak izendapen hori erabiltzeari utzi behar lioke. Denak zaku berean sartzea delako, eta ahotsa erabiltzeko gai direnei haiek ez duten gabezia bat atxikitzen dielako. Komunitate bat gara; gure hizkuntza, kultura eta ohiturak ditugu. Nire lagun gehienak gorrak dira, nire bikotekidea bezalaxe. Bi seme-alaba ditugu eta haiek ez dute entzumen arazorik, baina etxeko hizkuntza zeinu bidezkoa da, hori izan baita haien ama-hizkuntza. Hala ere ez ditugu gure interprete moduan erabiltzen. Senarra eta biok pertsona autonomoak gara eta ez dugu seme-alaben bizitza gure beharretara moldatu nahi. Hainbat urtez ibili naiz zeinu-mintzaira irakasten. Beste hizkuntzekin duen alde bakarra kanala da, soinu bidezkoa beharrean bisuala izatea. Gainerakoan beste hizkuntza guztiak bezalakoa da, berezko ezaugarriak ditu, lexikoa, gramatika arauak... baita dialektoak ere! Ez da berdin hitz egiten hemen eta Huelvan, testuinguruari lotutako ezaugarriak ditu, hizkuntza bizia den seinale. Azken urteetan gure eskubideen alde ari naiz borrokan. Pertsona gorrei eta familiei orotariko laguntza edo asistentzia ematen eta kanpora begira sentsibilizazio eta zabalkunde lanetan. Eskubide asko urratzen zaizkigu. Espainiako Gobernuak, espainiar eta katalan zeinu hizkuntzak aitortzen dituen 27/2007 Legea onartu zuen –euskal zeinu mintzaira ez du jasotzen– baina oinarri-oinarrizkoa soilik betetzen da, gure beharretatik oso urrun. Egia da teknologia berriei esker aurrerapausoak eman direla. Gehienok etxea egokitua dugu eta tinbrea edota iratzargailua, esaterako, argi bidezkoak dira. SVisual plataforma ere oso baliagarria zaigu, 24 orduko interprete zerbitzua eskaintzen baitu Internet bidez. Egunerokoan, baina, beti saiatzen naiz interprete berarekin ibiltzen, konfiantzazko harremana sortzen delako, eta badakidalako nahi dudana ongi adieraziko duela, eta alderantziz. Haien lana nahitaezkoa da gure bizitzetan. Gauza xeheak egiteko laguntzarik gabe moldatzen naiz, baina larrialdi, espezialista, abokatu edota bileretara joateko, zerbitzua eskatzen dut. Badago informazioa, baina ezagutza gutxi. Ikusezinak gara. Lehen begiratuan ez zaigu deus antzematen eta erreakzioak orotarikoak izaten dira. Badaude elkarrizketa izaten saiatzen direnak, eta moldatu ohi gara; beste askok, ordea, ez dakite nola jokatu eta "ai, barkatu" esanda alde egiten dute. Gogorra izan daiteke, ahaldunduta ez bazaude, batik bat. Formakuntza, aisialdi eta kultura arloan ere oso mugatuta gaude, eskaintza urria delako. Espresuki zerbait ikusteko aurrez planifikatu behar dugu, interpretea eskatzeko. Ahozko hizkuntza bultzatzeko joera egon da; gurea ez da gehigarri gisa ikusi, ezta baliabide gisa ere; eta beraz, ez sustatzeaz gain, gutxietsi egin da, sarri. Audifonoak, inplanteak edo logopedak lehenesten dira; eta guri tresna horiek oso baliagarriak iruditzen zaizkigu. Baina besteari garrantzirik kendu gabe.
news
argia-d55f1612666e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/aza-jendearen-urtea.html
Aza jendearen urtea
Jakoba Errekondo
2017-02-12 00:00:00
Aza jendearen urtea Aza jan eta aza jan. Aurtengo neguan sekula baino aza gehiago jaten ari gara etxean. Gero eta gehiago gustatzen zait niri. Garai batean, umetan, egosi-egosi eginda ateratzen ziguten aza mahaira. Horrela denean zabaltzen duen kiratsak berak atzera eragiten zidan, zenbaitetan baita goragalea ere. Horri gehitzen badiogu aitonaren esaera: "Aza? Kamionkak jan ditut nik", ez genuen oso gustuko etxean. Orain paderan erregosita, gardostu antzera jaten dut, eta zale amorratu bihurtua naiz. Egia da, aza horrela erretzeko sukaldean ekonomika izateak asko errazten du emaitza borobiltzea. Aza jendearen sendiko edozein aldaera halaxe prestatzen dut: aza ( Brassica oleracea var. capitata ), azalorea ( Brassica oleracea var. botrytis ), brusela aza ( Brassica oleracea var. gemmifera ), brokolia ( Brassica oleracea var. italyca ), gailego aza edo kalea ( Brassica oleracea var. acephala ), arbiaza ( Brassica oleracea var. gongylodes ), aza txinatarra ( Brassica oleracea var. pekinensis )... Omenaldi asko merezi du aza jendeak. Babak adina, Vicia faba . Aza eta baba, baba eta aza. Zein baino zein hobea negu beltza gozatzeko; a zer uztarria! Makina bat gose eraman du aurrean hartuta. Eta orain argi eta garbi dakigu: osasunerako oso onak dira, oso! Aurtengo urte honen hasiera hotz eta gogorrak, garai batekoak nolakoak izango ziren ekarri dit gogora. Eta sekula ez dut ahaztuko umetako gure herriko irudi bat: herriko kaskoan dagoen Gaztañaga baserriaren azpiko aldeko soroa, soroka aza elurpean. "Betor elurra" lasai dio aza bete soroa etxe ondoan duenak... Urtearen hasiera hotzak azak ere gozatu ditu. Jakina da toki hotzetako azak gozoagoak dira, ez alferrik aza onenak Oletakoak direla esan ohi da. Hangoa ez bada, inguruko aza eskuera izango duzu, dastatu eta sumatuko duzu, hotz hauen ondoren gozo-gozo askoa. Urteari hasiera ezin hobea eman diogu; izan ere, aurtengo urte hau aza jendearen urtea izendatua da. Jan azatik!
news
argia-b20c15ade703
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/50000-pertsonak-babestu-dituzte-mas-ortega-eta-rigau-auzitegirako-bidean.html
50.000 pertsonak babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau auzitegirako bidean
Xabier Letona
2017-02-06 00:00:00
50.000 pertsonak babestu dituzte Mas, Ortega eta Rigau auzitegirako bidean Astelehen honetan epaituko dituzte Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta, bere lehendakariorde Joana Ortega eta hezkuntza sailburu Irene Rigau, 2014ko azaroaren 9ko kontsulta antolatzeagatik. Epaiketak datorren ostiralera arte iraungo du eta, desobedientzia eta prebarikazioa leporatzen diete 2014ko azaroaren 14ko kontsultagatik. Masentzat 10 urteko inhabilitazioa eskatzen du fiskaltzak eta bi sailburuentzat bederatzi urte eta erdi. ANCk eta Omniumek deituta 50.000 herritarrek eman dute izena auziperatuak epaitegira laguntzeko, Otsailaren 6an guztiok epaituko gaituzte lelopean. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean bilduko dira 8:45ean, Lluis Companys etorbidean. Bi erakundeek ostiralera arte antolatu dituzte mobilizazioak. Carles Puigdemont lehendakariak ere ateraino lagunduko die auziperatuei. Desobedientzia izan zen Independentismoak orain arte bere jokaldi garrantzitsuenatzat jotzen du azaroaren 9ko kontsulta, aurreikuspenak guztiz gaindituz 2,3 milioi pertsonek eman zutelako botoa egun hartan eta horietatik 1,9 milioik independentziaren alde. Oso kopuru handia da hori, batez ere kontuan hartuta Konstituzio auzitegiak debekatu egin zuela kontsulta. Aurreko hilabeteetan Madrilen etengabe egin zion mehatxua Generalitateari eta horren ondorioz honek kontsultaren ezaugarritzea aldatu behar izan zuen, loteslea izan behar zuena herritarren partehartze prozesu bihurtuz. Masek, hala ere, izaera loteslea eman nahi izan zion, eta baiezkoak irabaziz gero hauteskunde autonomikoak plebiszitarioak bihurtuko zituela iragarri zuen. Azkenean, Generalitateak ANC eta Omniumeko 41.000 boluntarioren esku utzi zuen prozesuaren azken antolaketa, baina eskola publikoak eta udaletxeak erabili ziren hautetsontziak jartzeko eta auzitegi espainiarrek antolaketa amaiera arte eramatea leporatzen diote Generalitateari. Independentismoak garaipen handitzat hartzen ditu azaroaren 9ko kontsulta eta bere emaitza, eta harrotasunez haizatzen du orain arte katalanek egindako desobedientzia ekintza handiena moduan. Independentismoan, alabaina, hainbat sektore kritiko agertu izan dira kontsulta hau kudeatu zen moldearekiko, beren ustez desobedientzia erabatekoa behar zuen izan, antolaketan azken zatia boluntarioen esku utzi barik. Garai hartako Generalitatearen bozeramalea Francesc Homs ere azaroaren 9ko kontsultagatik dago auzipetua, baina Espainiako Diputatuen Kongresuko parlamentaria denez, Espainiako Auzitegi Gorena ari da epaitzen.Oraingoan bai, erreferendum loteslea Egiazko erreferendumaren testuinguruan dator epaiketa. Printzipioz irailerako iragarri zuen Generalitateak, baina azken asteotan entzun dira ahotsak –ERCkoak eta CUPekoak batez ere– esanez akaso uda baino lehen egin daitekeela. Hau ere debekatua du Konstituzio Auzitegiak. 2014an ez bezala, Generalitateak eta Kataluniako Legebiltzarrak lotesletzat hartuko dute erreferendumaren emaitza. Giroa gori-gori dago eta Espainiako Gobernuak iragarri du jada presta dagoela Kataluniako autonomia bertan behera uzteko, horretarako Konstituzioaren 155. artikulua erabiliz. Euskal Herritik ere elkartasuna Euskal Herrian ere hainbat elkartasun ekimen egiten ari dira auziperatuen alde. Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren botoekin sostengua adierazi zien hiruei joan den astean eta igandean Gure Esku Dagok bilkurak egin zituen Hegoaldeko lau hiriburuetan, 1.000 pertsona bilduz "Demokrazia" lelopean. Elkarteak ezagutzera eman duenez, " Mobilizazioek bi helburu nagusi izan dituzte; batetik, Kataluniako hautetsiei eta herritarrei elkartasuna adieraztea; eta, bestetik, demokraziaren aldarria lau haizetara zabaltzea: 'Gaur hemen bildu garenok sinesten dugu demokrazian sakonduz soilik eraikiko dugula etorkizun hobe bat'".
news
argia-afc02d4fdc7c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/kuku.html
Kuku
Andoni Mujika
2017-02-12 00:00:00
Kuku Astelehenean, 21 hilabeteko alaba zaintzen hasi naiz etxean. Erabaki dugu hobe dela, oraingoz eta ahal dugun bitartean, eskolara ez eramatea. Ondo aztertu ostean, adin horrekin, etxean, behar duen arreta-ratioa eskaintzea pentsatu dugu dela onena berarentzat: haur bat, heldu bat. Zoriontasuna. "Nire seme-alabak zoriontsu izatea nahi dut" esaldia gorroto zuela, baina nolabait, hori desio zuela aitortu zigun kide batek duela gutxi. Psikologo askoren esanetan, pertsonak sano hazteko euren erreferentziazko zaintzaileekiko lotura enpatiko eta sendoa behar dute Psikologo askoren esanetan, pertsonak sano hazteko euren erreferentziazko zaintzaileekiko lotura enpatiko eta sendoa behar dute (Puertas, P.). Zaintzaileok umeari honek dituen sentsazio lauso, ilun eta primarioak apurka-apurka deszifratzen lagunduta, sentimendu identifikagarri bihurtuko zaizkio. Izena jarri ahal izango die. Hortxe hasten omen gara gure identitatea marrazten. Modu kontzientean sentitzerakoan, gure nortasun-enborra sendoagoa egiten doa. Prozesu hori umearen hasierako urteetan gertatzen da nagusiki (Cristobal, R.). Bide hori ondo eginez gero, pertsona horiek beren barruarekin eta inguruko errealitatearekin konexioan eta orekan bizi diren izakiak izango dira. Bizitzaren gertakizun gazi-gozoei aurre egiteko "pertsona ahaldunduak" (Puertas, P.). Eta beste alde batetik, eskeleto psikiko hori edukita, jasotzen dugun afektibitatea eta maitasuna bizitza osoan zehar bitaminak dira arimarentzat. Ikerketa bat. Aurreko planteamenduaren alderdi bat baieztatzen duen ikerketa iritsi zait egunotan esku artera. Eta egia esan, zur eta lur utzi nau; bai ondorioengatik, baita ikerketaren ezaugarriengatik ere. Harvard-en 75 urte daramate, eten barik, zoriontasunaren gaia aztertzen. Ikerketa-galdera da ea osasuntsu eta zoriontsu zerk egiten gaituen. Robert Waldinger psikiatrak zuzentzen du azterketa lan luze hau. Ondorio nagusia hauxe izan da: harreman onek zoriontsuago eta osasuntsuago egiten gaituzte. Harreman onek, azpimarratzen dut. Hementxe bideoa ikusgai: http://bit.ly/1noD39E. Ikerketaren ondorio nagusiari jarraituta, eta alabarekin etxe inguruan nagoenez, kalitatezko harremanak zaindu, garbitu eta berritzeko unera iritsi naizela sentitzen dut. Ea ondo egiten dudan. Alde batetik, eta zoritxarrez, harreman batzuekin dezepzio izugarriak hartu ditut azken urteetan. Ze gogorra den hau. Bestetik, etxean nagoen fase honetan, kokaleku profesionaletik kanpo, sumatu dut aurreko faseetako kide askoren zerrendetatik jausi egiten zarela. Ahaztu egiten zaituztela. Ez da asmo txarrez egiten den zerbait, baina halaxe gertatzen da. Hau ere mingarria izan liteke. Harreman onak zaintzeko aroa beraz, eta berriak egitekoa.
news
argia-efc8ab3f0f72
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/bizkaiko-oligarkiaren-erretratua.html
Bizkaiko oligarkiaren erretratua
Juan Mari Arregi
2017-02-12 00:00:00
Bizkaiko oligarkiaren erretratua Egin izan banu Negurin finkaturiko Bizkaiko oligarkiaren argazki bat 60ko hamarkadan, demagogoa eta ahoberoa naizela esango zidaten. Hala ere, badago oligarkia hura osatzen zuten bostehun familiatatik kide bat, 12 orrialdetan egiazko erretratua eskaini duena. Pedro Ibarrak Memoria del antifranquismo en el País Vasco idatzi du. Liburu garrantzitsua da bere eta bere bikotekide Carmen Oriolen testigantza eskaintzen duelako –biak oligarkiatik zetozen–, haien konpromiso militante eta antifrankista azalduz; baina baita ekarpena egiten duelako ere, Neguriko elite ekonomiko, politiko eta soziala ezagutzeko bidean. Gainetik daudela eta pribilegiatuak direla uste dutenen jokabide eta kode moralak, nazional-katolizismoaren eragina, euren interes ekonomikoak babesteko frankismoaren barruan hartutako jarrera politikoa, kulturarekiko mespretxua… Horrek guztiak jendarte baten erretratua osatzen du. Pedrok eta Carmenek hortik ateratzeko ausardia izan zuten kontrako norabiderantz, langile klasearen ondora. Oligarkia gordinenetik atera ziren, bai. "Bizkaian agintzen zuten familia urriek –dio Ibarrak– botere politiko eta ekonomikoa zuten. Industria handian agintzen zuten zuzenean (elektrikak, siderurgia, industria kimikoa, meatzaritza), baita banku handietan ere. Eta zeharka agintzen zuten, zenbaitetan bitartekari gabe, politikan eta diktadura frankistan. Existitzen ziren hedabide gutxietan ere agintzen zuten. Hau da, eurena zen dirua, boterea eta ideologia menderatzailea". Eta oligarkia hori, ez dezagun ahaztu –gehituko nuke nik–, beste forma bat hartuta ere bizirik eta jardunean dabil, izan Negurin edo beste toki "lasaiago" batzuetan jesarrita.
news
argia-87e6d3aedf38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/pozgarria.html
Pozgarria
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-02-12 00:00:00
Pozgarria OLBE bueltatu da betiko kalitatezko bideetara. Eskerrak! Oraindik gogoratzen dugu azaroan entzundako Cenerentola ahaztezina, eta ez zentzu onean esanda. Kasu honetan, kontrako sorpresa hartu dugu. Stiffelio harribitxi bat da, oso gutxitan programatzen dena. OLBEren ibilbide osoan hau da antzezten den lehenengo aldia. Izan zitekeen interes gutxiko obra, eta horrexegatik publikoak ez izatea gogo handirik entzuteko, baina Euskalduna Jauregian Regio di Parma Antzokiaren eta Monte-Carlo Operaren arteko produkzioa disfrutatu ondoren, Stiffelio mokadu aparta dela esan dezakegu. Ez da oso luzea, ordu pare bat irauten du etenaldiak kontatzen ez baditugu, eta sentimenduen koktel erakargarria eskaintzen du: amodioa, desleialtasuna, Stiffelio protagonistaren desio pertsonalen eta betekizun sozialen arteko barne borrokak, protagonista bakoitzaren maitasunaren kontzeptu desberdina. Benetan interesgarria. Eta, gauza guztien gainetik, Verdi onena dugu titulu honetan. Obertura zinez distiratsu eta argitsua dugu hasiera gisa, eta lanaren aria nahiz abesbatzaren numero batzuk Verdiren momentu ederrenen artean koka ditzakegu. Horrez gain, OLBEk ekarritako produkzio honetan primerako bakarlariak izan ditugu emanaldia erabat biribiltzeko. Bai Roberto Aronica tenorearen ahotsa bai Angela Meade sopranoarena primeran egokitzen dira Stiffelio eta Linaren roletara, behar den distira eta ehundura emanez interpretazioei. Hori bai, ez bata ez bestea, ez dira adierazkorrak taula gainean. Hau da, ahots ederrak entzun genituen, malguak, sentimenduz beterikoak, baina, agian eszena zuzendaritza eskas batengatik edota abeslarien nolabaiteko zurruntasunagatik, ez zuten sinesgarritasun interpretatiborik eskaini. Angela Meadek entzuleak txunditu zituen. Oh celo!, dove son io? edo Tosto ei disse! A te ascenda, oh Dio clemente ariak momentu zoragarriak izan ziren. Erraz abesten du sopranoak, ahots biribila eta boteretsua du, txalo-jotze ederrak lortu zituen. Bestalde, Roman Burdenko baritono errusiarrak primerako Stankar egin zuen. Ikaragarrizko ahots ederra erakutsi zuen eta taxuz interpretatu zuen Linaren aitaren rola. Francesco Ivan Ciampa zuzendaria fintasunez aritu zen. Egia esan, alde musikalak, benetan mundiala, konpentsatu egin zuen ahultasun interpretatiboa edo eszenografia pobre/minimalista. Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak, eraginkorrak, beti bezala.
news
argia-5df800f6f7ed
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/mirentxu-loyarte-zinegilea.html
"Ardoa eta makina-erreminta ekoizten dituzte ba Eusko Labelarekin, zinema zergatik ez?"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-02-12 00:00:00
"Ardoa eta makina-erreminta ekoizten dituzte ba Eusko Labelarekin, zinema zergatik ez?" 1978an, Irrintzi film laburra egin zuen Mirentxu Loyartek. Euskal Herriko film aitzindaria izaki, gu guztion iruditegian behar luke; hala ere, iazko Zinemaldian ezagutu genuen askok, ia 40 urte geroago, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak dokumentalari esker. Harridura, lilura, ezin sinetsia. Elkarrizketa eta memoria eten ez daitezen bildu ginen harekin. Nolatan hasi zinen zineman? Betidanik idatzi izan dut, eta marrazkiak egin, izugarri gustatzen zaidalako. Orduan, horretan jarraitu nuen eta, gaztetan, eleberri ez oso luze bat idatzi nuen. Norabait bidaltzekotan nintzela, ingurukoei pasa nien, irakur zezaten, eta orduan nirekin zebilenak, gerora nirekin ibiltzen jarraitu duenak egiatan, esan zidan hura ez zela eleberri bat, berari zinema iruditzen zitzaiola. Zergatik izan zen hain erabakigarria pasadizo hura? Horixe da kontua. Zergatik eteten da ibilbide bat, eta beste bat abiatzen? Bada nik, eleberria idazten ari nintzela, mila buelta eman nizkion isiltasunaren gaiari, eta asko izorratzen ninduen: aldiro, esaten nuenean pertsonaiak isilik geratu zirela, hitz mordo bat idatzi behar nuen isiltasuna ikusarazteko. Gai hori tik baten modukoa zen, izugarri gogaitzen ninduen. Orduan, zinemarena esan zidaten, eta argi ikusi nuen. "Iruditzen zait gaur egungo belaunaldia nahiko 'light' dela, oso langilea, hori bai, eta egoera ez da erraza. Akaso aurreko belaunaldiarena da errua, akaso gutxi gorabeherako askatasun horretan ipini zuten indar guztia" Beraz, hori erabakita, zein izan zen hurrengo urratsa? Garai hartan, Paris zen zinemaren gune nagusia; gainera, abertzaletasuna oso indartsu zegoen, batez ere zenbait ingurutan, eta, zera, Madrilera joatea, bada… Egia da, Parisek ere badauka berea, baina niri Parisko historiak ez zidanez hain zuzenean eragin, bada hara joatea pentsatu nuen. Lehenengo urtean hizkuntza lantzen ibili nintzen, jada zerbait ikasia nuen batxilergoan, baina hobetu beharra neukan. IVEC zinema-institutu ofizialaz aparte hainbat eskola zeuden, eta nik horietako batean ikasi nituen zinema eta zinema-zuzendaritza, Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan. Kurioski, han ere neu nintzen neska bakarra. Zer-nolako bizipena izan zen hura? Itzela. Une horretan nire premia nagusia zen jakitea ea zertan ari nintzen, noraezean joateari uztea. Izan ere, frankismoa bizi izan ez duenarentzat zaila da ulertzen, zeren azkenengo garaiak ez dirudi hain bortitza, hain gogorra; badirudi ez zela ezer gertatzen. Baina huraxe zen arazoa, ez zela ezertxo ere gertatzen, hau da, zuk ezin zenezakeen jakin zer ari ziren egiten eta ikusten beste toki batzuetan, ez zegoen konparatzeko eredurik. Ezin zenituen zure ideiak bestelako ideia batzuekin erkatu, eta konparatzeko punturik ez daukazunean ez dakizu non zauden, ez eta zenbat falta zaizun ere. Sakristia hutsa zen hau. Pinochet aipatzen dutenean beti pentsatzen dut baietz, Franco bezain gordina izan zela hasieran, hain zuzen matxinada guztietan lehen olatua izaten baita latzena, baina Pinochetek hamaika urte egin zituen boterean, eta hemen, berriz, bi belaunaldi oso hazi ziren frankismoaren pean, sakristia erabateko honetan. Eta Parisen berriz, zer topatu zenuen? 60ko hamarkadaren amaieran egon nintzen han, eta sekulako garaia izan zen. 68ko maiatza baino zenbait hilabete lehenago iritsi nintzen eta zur eta lur geratu nintzen. Komunikabideak, adibidez: hantxe ikusten zenituen titular harrigarriak; gu, ordea, ohituta geunden denak izan zezan halako patina bat, dena estaltzen zuena eta denari ematen ziona kolore eta ñabardura berbera. Zinema-eskola bera oso ondo etorri zitzaidan kontaktuak egiteko, eta Zinemateka osorik irentsi nuen, betekada hartu arte. Sekulako zikloak egiten zituzten han, eta denetik ikusi nuen. Argazkia: Dani Blanco. Bereziki gogoan al duzu Zinematekan ikusitako zerbait? Dreyerren zale erabatekoa bihurtu nintzen. Ez nuen aurretik ezagutzen, baina film bat ikusi nuen eta liluratu egin ninduen. Haren film guztiak ikusi nituen gero, eta gogoan dut txartel-saltzaileak azkenerako ezagutu egiten ninduela eta esan zidala, zur eta lur: "Ez al zaizu benetan Dreyer gustatuko?". Batzuetan zaila da lilura hori azaltzen, baina har dezagun, adibidez, Dreyerren Ordet filma. Eszenaratzea erabat oinarrizkoa da, mugimendua ia ezin nabaritzekoa, eta hala ere, zer-nolako jokoa egiten duen argiarekin! Hildakoa ohean dago, eta bat-batean, hara hor berpiztearen miraria. Nola da posible nik hori sinestea? Eta sinetsi nuen, bai. Izugarria iruditu zitzaidan. Noski, beste batzuk gauza bera erakusten dizute beste modu batean eta ez duzu inondik ere sinesten, hortxe dago gakoa. Paristik itzuli zinenean zer-nolako giroarekin egin zenuen topo? Gogo biziz itzuli nintzen hona, mundua jateko prest. Horrek erakusten du baikorra naizela bizitzaren aurrean, besterik ez. Ez dut urtea oroitzen, baina badakit Amalur egina zutela jada. Niri asko gustatu zitzaidan eta [Nestor] Basterretxearekin jarri nintzen harremanetan, eta [Fernando] Larruquert ezagutu nuen gero. Ondo moldatu ginen hasieratik. Basterretxeak esan zidan gidoi batekin ari zela, eta ea irakurriko nuen. Teodosio de Goñiri buruzko lan bat zen. Nire ikuspuntua azaldu nion, zer nuen gustuko eta zer ez, eta asko gustatu zitzaion esandakoa. Saiatu zen filma aurrera eramaten, baina ez zuen finantzazio-iturririk lortu. Eta gero saiatu ginen beste film labur batzuk egiten, baina horretarako ere ez genuen dirurik lortu, beste hainbat proiekturekin gertatu den moduan. "Orain jakin dut Kimuak saileko lanak oparitzen ari direla, bataioetan jaurtitzen diren gozokiak nola" Noiz eta nolatan egin zenuen Irrintzi ? Venezuelan erbesteratu behar izan nintzen, eta bueltakoan egin nuen filma. Proiektu guztiak sortzen diren moduan sortu zen hura ere, modu zertxobait gorabeheratsuan. Niri gidoi bat eskatu zidaten. Apur bat abstraktua zenez, eskatu zidaten zuzendaritzarako aukeratua zutenaren laguntzailea izan nendila, eta besterik ez. Guztiok egin ditugu lanak gure izenik agertu gabe, inoren izenik agertzen ez denean lan horretan, baina neuk egin filma eta gero beste batek sinatu? Inondik ere ez. Handik 20 egunera, zuzendari izango zenak esan zuen ez zuela filma egingo nire laguntzarik gabe, eta nik zuzendu nuen azkenean. Zer moduzko prozesua izan zen? Argi neukan zer erakutsi nahi nuen: emozio hori, justu garrasi egin aurrekoa, edo manifestazio batean zaudenekoa eta harri bat hartzen duzunekoa, eta une batez gelditzen, jakin gabe ea egin behar zenukeen ala ez. Apur bat desesperazioz ateratzen zareneko emozio hori. Ez nuen manifestaziorik erakutsi nahi, ez, nahi nuen zerbait abstraktuagoa, jendeak beste emozio hori senti zezala. Jakina, eskuartean neukan lehen gauza zenez, prozesu gogorra izan zen. Hasiera batean oso seguru zaude eta gero zalantzaz guztiz beteta: erratu ote zaren, urrunegi joan ote zaren… Batez ere halako gauza ez-errealistekin: asko gustatzen zaizkit halako poemak-eta, baina gero etereoegiak izan daitezke. Tentu handiz ibili nintzen. Zalantzaz beteta egon nintzen, aurrera eta atzera eginez, hau eta beste hau, behin eta berriro berrikusiz eta landuz. Harrera beroa izan zuen, hasieran behintzat. Bai, aurreko batean horixe esan zidan kazetari batek, ikusgarria izan zela urte hartan Zinemiran piztutako jakin-mina. Gero etorri zena, hala ere, Zinemaldiko garai hartako zuzendariak azalduko lizuke nik baino hobeto. Garai hartako gobernadore zibila joan omen zen Zinemaldira, esanez atxilo eraman behar ninduela, Irrintzi propaganda hutsa zelako. Ni, bien bitartean, hirian paseatzen nenbilen. Kontua da zuzendariak konbentzitu omen zuela gobernadorea ez nezan atxilotu: Franco hil berritan, Europako komunikabideak begira-begira zeudela, Estatu espainiarrak nola erreakzionatuko, lehen laprastada noiz egingo. Ez ninduten eraman, eta hala ere, Zinemaldiaren ondoren, hamaika giltzarraporekin lurperatu zuten filma, eta erabat ahaztu zen. Min handia egin zizun horrek? Pentsa! Zerbait egiten duzunean nahi duzu jendeak ikustea; gainera, une hartan huraxe zen bidea: film laburrak egin eta itu-ituan jotzen saiatu. Huraxe zen zure aurkezpena gero lanean jarraitzeko, proiektu gehiago lortzeko eta abar. Garaitsu horretan, Punto y hora aldizkarian esan zenuen Euskal Herriko kulturak behar-beharrezkoa zuela zinema, eta hala ere, baztertuta geneukala. Zergatik iruditzen zaizu hain garrantzitsua zinema? Nola lagako dugu bazter batean irudia? Ezinbestekoa da. Gainera, iruditzen zait ondo moldatzen garela horrekin, munduaren gure ikuspegiarekin nahiko bat datorrela. Zinema, azken batean, hori da, munduari begiratzeko modu bat. Esate baterako, gogoan dut Loreak. Film bat da eta gustatu dakizuke ala ez, baina badaude film horretan une batzuk non jolas geometriko moduko bat den: argia, kameraren mugimendua… Normalean, film bat ikusi ostean pusketa batekin baino ez gara oroitzen, eta zuzendariak lortzen badu pusketa batek iraun dezan, eta gainerakoak ez dezan ezabatu, uste duena baino gehiago lortu du. Argazkia: Dani Blanco. Hainbat urte pasa dira hori esan zenuenetik. Bazterrean daukagu oraindik? Oso garai ezberdinean gaude, noski, baina nire iritziz azpiegitura falta da. Ez dut ulertzen nola saltzen dituzten makina-erreminta edo ardoak edo dena delakoa Eusko Labelaren etiketarekin, eta nolatan ezin daitekeen hori berori egin beste hainbat gauzarekin, hala nola zinemarekin. Ez du sekulako azpiegitura izan behar, baina bai serioa, se-ri-o-a: hiru urte inguru beharko dituzu merkatua topatzeko eta abar, baina behin abiatuta, ondo bideratu daiteke. Orain jakin dut Kimuak saileko lanak oparitzen ari direla, bataioetan jaurtitzen diren gozokiak nola. Lanak gutxiesteko modu bat da hori: salmentarik txarrena, horixe da opari bat. Oparitu diezaiokezu adiskide bati edo beste norbaiti, ezagut dezan, baina kito. Makina-erreminta saldu behar dutenean badakite zer egin, ezta? Ez dute debalde oparitzen. Ikuska sailaren barruan ere egin zenuen lan bat, euskal emakumeari buruzkoa. Antton Ezeizak oso ondo antolatu zuen Ikuska sailarena: ekipamendu txikia baina kalitatezkoa. Galdetu zidan ea egingo nukeen zerbait, eta ea zer egingo nukeen. Nik bi gai nerabiltzan buruan: bata, niretzat interesgarriena, jaiarena zen, jaia edo festa kontzeptu gisa, ikuspegi soziologiko batetik, baina oso zaila iruditzen zitzaidan, eta beste aukerari heldu nion, euskal emakumearen gaiari. Urte asko pasa dira Euskal Herriko emakumeen egoerari buruzko atal hori grabatuz geroztik. Asko aldatu al da egoera? Zuk ikusi duzu Ikuskako atal hori? Egia esan, nahiago nuke zeuk esatea ea zer iruditzen zaizun. Gauza batzuk gaur-gaurkoak direla iruditzen zait. Atal horretan agertzen den emakume helduetako batek aipatzen duen moduan, badirudi esparru askotan askeago garela, baina, gero, benetan, ez ote gauden beti bezain lotuta… Horixe bada. Analisi zehatzak egin behar ditugu, eta ikusi badagoela alderik, ez dela gauza bera funtzionatzeko askatasun atsegin baten jabe izatea ala benetan zure askatasuna ondo sustraitua egotea. Egin dugun bide hau lasai asko deusezta dezakete lau kolpetan, krisia dela eta bestea dela, zeren, noski, badakite ez duzula haurra kako batean zintzilik utziko, beraz zaintzara itzuliko zara. Eskubidea daukazula? Bai, jakina, baina zenbait garaitan horrek ez du piperrik balio. Iruditzen zait gaur egungo belaunaldia nahiko light dela, oso langilea, hori bai, eta egoera ez da erraza. Akaso aurreko belaunaldiarena da errua, akaso gutxi gorabeherako askatasun horretan ipini zuten indar guztia, baina oinarriak sendotu behar dira, bestela bihar kenduko dizute atzo emandakoa. Zure ibilbideari buruzko dokumentala estreinatu zen iaz: Irrintziaren oihartzunak . Zer-nolako bizipena izan da? Bada, nik Iratxe ez nuen ezagutzen, eta berak ere ez ninduen ezagutzen, neure filmak baino ez. Hala ere, deitu zidanean ez zidan neure bizitzaz galdetu; azken batean, nire bizitza jende guztiaren modukoa da, aurrera eta atzera doa, batzuetan lortzen dituzu gauzak, eta beste batzuetan ihes egiten dizute. Iratxek, ordea, Irrintzi aipatu zidan: aurkitu egin zuela eta iruditzen zitzaiola hori argitara atera behar zela, ez zuela ulertzen nola zegoen ahaztuta, nola ez zuen izan horren berririk lehenago. Noski, arreta piztu zidan, hizketan hasi ginen, eta halaxe etorri da dena.
news
argia-0c0bf32ba724
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/gora-osaba-chomsky.html
Gora osaba Chomsky!
Estitxu Eizagirre
2017-02-12 00:00:00
Gora osaba Chomsky! Captain Fantastik filma. Zuzendaria eta gidoia: Matt Ross. Aktoreak: Viggo Mortensen, George MacKay, Missi Pyle, Kathryn Hahn, Frank Langella, Hannah Horton, Nicholas Hamilton, Steve Zahn, Ann Dowd, Trin Miller, Samantha Isler, Annalise Basso, Shree Crooks, Erin Moriarty eta Charlie Shotwell. Iraupena: 118 minutu. Urtea: 2016. Ipar Amerikako Mendebaldeko basoetan kokatuta, filmaren lehen eszenetatik beste AEB batzuk ezagutuko ditugu film honekin: natur paisaje eder, kultura anarkista, herritar kritiko eta bizimodu alternatibo bat, kapitalismoaren bihotzean, alajaina.     Ez naiz ni inori bitxikeria zinematografikoak deskubrituko dizkiona. Gaiak eta planteamenduak soilik ere merezi du, kronika. Oihanean, eguneroko bizitza erabateko burujabetzan oinarrituta eraiki dute beren paradisua Ben eta sei seme-alabako familiak. Amak buruko gaixotasun bipolarra du, ordea, eta azken hilabeteak erietxean emango ditu. Amaren galerak ekarriko du aldaketa familiara. Hura agurtzera hirira joko baitute.     Eta hor jarriko dira batzuen eta besteen kontraesanak agerian. Filmak umore finez lantzen ditu egungo bizitzaren hamaika zehar-lerro: elikadura, erlijioa, opulentzia, kultura militarra, kulturarik eza, medikuntza eta farmako industria...     Galdera nagusi bat sumatu daiteke Ben (Viggo Mortensen) aitaren baitan: zer da umeak bizitzarako prestatzea? Guraso ororen kezka, kultura kapitalistan garamatzana etengabeko konpetentziara, besteek egiten badute "badaezpada" egitera, besteek dutena "badaezpada" edukitzera...     Gozamena da filmean ikustea balioak argi dituenak zer irakaskuntza lantzen duen etxean seme-alabekin. Nolako heziketa, zer jakintza mota, eta zer gaitasun lantzen dituen eguneroko bizitzan. Nola bateratzen dituen gorputza, dialektika kritikoa eta espiritualtasuna.     Egoerek larri hartuko dute familia, ordea. Eta gizartearen joeratik hain bereiz aritzearen arriskuak jarriko dizkiete begi aurrean. Hiltzeko arriskua, zigorra jasotzeko arriskua, umeak galtzeko arriskua... eta amaren pentsamendu bipolarrak gainerako protagonisteng   an ikusiko ditugu islatuta. "Kaka zaharra, film ezkertiar bat ikusten hasi, eta alternatibak ezinezkoak direla izango da azken gogoeta?" sumatuko du ikusleak ere, larri, bere burua.     Soilik esango dugu, amaierak bat egiten duela filmak behin eta berriz nabarmendutako balioekin eta esaera iraultzaileekin.     "Baina" txikitxo bat otu zait lehen ikustaldian: filmeko kolektibitate bakarra familia dela. Kapitalismoaren bihotzean baina bihotzez antikapitalista den bizimodua familian antolatua du Benek. Eta familiako beste kideak, amak, huts egitean eraitsi zaio elkarrekin eraikitako mundua. Amaiera etsipenetik urrun badago ere, ez da inongo momentutan kolektibitate eredua aldatzen. Ez dago antzera bizi den adiskiderik, ez herrixka, ez elkarte, ez mugimendu, ez kuadrillarik... Eta familia horretan, aitak du, noski, guztien gaineko autoritatea. Onberatasunez, besteei entzunaz eta bakoitzari bere izaera eta ezberdintasunak errespetatuz kudeatzen duen boterea, baina patriarkala, bere erroan. Filmak luzaz gainditzen ditu ohituta gauden estereotipo, lan banaketa, eta generoaren baitako jarrerak, baina aita aita, hemen ere.
news
argia-c4d5d9660445
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/ai-aita.html
Ai, aita!
Amaia Alvarez Uria
2017-02-12 00:00:00
Ai, aita! Najat El Hachmi, Marokon jaiotako emakume idazle amazigh-katalana da Txalapartak abenduan argitaratu zuen Azken patriarka lanaren egilea. 2008an argitaratu zen jatorrizkoa, katalanez, eta orain arte hamar hizkuntzatara itzuli da, Jexux Mari Zalakain izanik euskaratu diguna. Bi zatitan dago egituratuta, lehenengoan protagonista Mimun Driutx da, aita, azken patriarka. Baina, lan honetako narratzailea bigarren zatiko protagonista da, alaba, izenik gabe agertzen zaiguna. Honek autobiografikoki kontatzen digu, lehen pertsonan, bere bizitza bigarren atalean, baina aurretik bere aitaren bizitza kontatzen digu patriarka bat nola eraikitzen den erakutsiz eta bi zati hauen bidez aita-alaba harremanaren garapena marraztuz. Kapitulu laburretan aurkituko dugu kronologikoki antolatutako bi bizitza hauen kontaketa, ahoz, gordin eta umore ukituez helduko zaizkigu begi-belarrietara poliki harilkatzen dituen istorio bortitz eta gogorrak. Marokoko Nadorretik Kataluniako Vic-era bizitzera joan den familia ezagutuko dugu, aita egozentriko-tiranoa, ama txikitu-zapaldua eta bizitzan bere lekua topatu eta bere burua kokatu nahian dabilen alaba izango dira pertsonaia nagusiak. Hizkuntzari dagokionez amazigha, arabiera eta katalana tarteka agertuko dira "hango" eta "hemengo" zertzeladak orriotara ekarriz. Honekin batera zenbait literatur erreferentzien gidaritza aitortuko da, besteak beste Zadie Smith (jendarte multikulturala irudikatu zuena) eta Merce Rodoreda (belaunaldi desberdinetako ordezkariek errealitatearen ikuspegiak emanez irudikatu zituena). Gai nagusiak patriarkatua eta kultur aniztasuna dira. Alde batetik, familia eta bere baitako diskriminazioa, hierarkia eta botere harremanak azaleratuko dira. Beste alde batetik, kultur artekotasuna, erlijioa, migrazioak, eta gaur egungo hirietako identitate konplexuak agerian utziko zaizkigu, moral bikoitza, genero desberdintasunak, aurreiritziak, edo askatasuna eta betebeharren mekanismo bihurriak bistan jarriko dizkigu. Durangoko Azokan aurkeztu zuen liburua egileak eta elkarrizketa batean adierazi zuen idaztea jendearengana hurbiltzeko arma boteretsua dela, mundua eta pertsonak deskubritzeko eta eraldatzeko aukera ematen duena. Liburu honetan argi geratzen dena hauxe da: pertsonala politikoa dela, emakume protagonistak bizi duenak egitura sozial bat islatzen duelako, patriarkatua, eta kulturen arteko elkarbizitza hainbat modutan gerta daitekeela, eta gertatzen direla, egiaztatzen baitu. Errealitatea ezagutu eta hausnartzeko lan gomendagarria.
news
argia-54d77c8dbf0a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/boli-kostako-mikrobio-gazteak-ez-dira-beldur-ez-hiltzeko-ez-erailtzeko.html
Boli Kostako 'mikrobio' gazteak ez dira beldur ez hiltzeko, ez erailtzeko
Pello Zubiria Kamino
2017-02-12 00:00:00
Boli Kostako 'mikrobio' gazteak ez dira beldur ez hiltzeko, ez erailtzeko Kaleetan ze-suma dabiltzan gazte noragabeak, gerra zibila amaituta egokitu ez diren gudariak, jauntxo militarrek xaxatutako gaztetxo heldu gabeak... Nor eta zer dira Boli Kostako Abidjan hiriburuan izua zabaltzen duten 8-25 urte arteko mutikook? Erdialdeko Amerikak marak eta Brasilek faveletako bandak dauzkan moduan, Boli Kostako mikrobioak aipatzen dira Mendebaldeko Afrikako hiri handietan. Boli Kosta esatea da, europar gehienentzat, zenbait kaferen jatorria eta, gure inguruan gehiagotan, txokolate perfumatuarena. Kafe eta kakao horietan oinarrituta, Mendebaleko Afrikako motor ekonomikoa izan zen 1960 eta 70eko hamarkadetan. Baina 80koan Boli Kosta murgildu zen krisi ekonomiko sakon batean, zeinak berekin ekarri baitzuen nahasmendu politiko eta sozialen aroa. XIX. mendetik Frantziaren kolonia izan ostean, 1960an lortu zuen independentzia eta geroztik Félix Houphouët-Boigny eduki zuen presidente 1993 arte, Mendebaldearekin eta bereziki Frantziarekin atxikiz harreman estua, esan nahi baita menpekotasuna. Geroztik Boli Kostak sufritu ditu estatu kolpe bat 1999an eta bi gerra zibil hein batean erlijio gatazken gainean oinarrituak. 2002 eta 2007 artekoak 3.000 heriotza baino gehiago eragin zituen. Bigarrenean, 2010 eta 2011 artekoan hauteskundeak irabazi nahi zituzten Laurent Gbagboren eta Alassane Ouattararen aldekoak borrokatu ziren, gutxienez 3.000 jende gehiago hilaz. Horregatik esan izan du Hamed Bakayokok Abidjaneko " microbe " jendeak funtsean direla gerrak traumatizatutako haurrak. Bakayoko ministro da hauteskundeak eta gerra irabazi zituen Ouattararen gobernuan. Aldiz, Le Monde egunkariak 2016ko udaberrian mikrobioen beste azalpen bat eman zuen: "Kalean zer eginik gabe bizi diren gaztetxoek gero eta bortizkeria handiagoa darabilte gainerako biztanleen kontra. Eta agintariek ez diote arazoari heldu nahi". Hots, agintariek babesten dituztela. Le Monde Diplomatique ren blogetan Sabine Cessouk idatzi du " Mikrobio bolikostarrak, krisiaren sekuela " interesgarria. "Zein dira mikrobiook? Gizartearen fenomeno hau azaldu da 2010-2011ko hauteskunde krisi bortitzaren ostean eta haren sekuela ikusgarrienetakoa da. Mutiko gazteok, 8 eta 25 urte arteko gaizkileak, 15 eta 20 kide arteko bandetan elkartuta dabiltza Abidjan hiriburuko auzuneetako kaleetan jendeei lapurretak egiten labanak, aizkorak, matxeteak eta makilak erabiliz. 'Bide moztaile' ere deituak, izututa dauzkate Abobo, Adjamé, Yopougon, Anyama eta Attécobé kartielak". Lapurretak, bortxaketak, klase guztietako eraso eta jipoiak... prentsaz gain sare sozialak ere berotzen dira sarritan mikrobioen desmasiekin. Zirrara handia eragin zuen Claude Larissa Abogny 23 urteko ikaslearen heriotzak. Etxerako bidean, goizaldean, telefono mugikorra ostu zioten eta ondoren matxete kolpez hil, ustez Yopougon auzoko gaztxekoek. Joan den maiatzean poliziak sarekada zabala antolatu zuen auzuneok kontrolatu eta gazte susmagarriak harrapatzeko. Hiru hilabetetan 11.500 arrestatu zituzten, horietatik 250 auziperatzeko.  Ehunka arma kendu zizkieten, tartean zenbait pistola eta kalaxnikov, 2.950 tona cannabis kalamu konfiskatu eta 166 erre-toki zerratu. Fenomenoak halako zabalera hartu du, ezen saltsan sartu baita herritarren justizia, lintxamendua alegia, mikrobioen zenbait xefa hiltzeraino, sonatuenak 2015ean burua moztu zioten Mamadou Traore Zama eta 2016ko martxoan matxetez hil eta zintzurretik zilborreraino ireki zutena, Diaby Mamadou " Pythagore ", 18 urte besterik ez. 'Gaztetxoen boterea' karriketan Zenbait kazetariren kontabilitatean, 2016ko udaberrian bederatzi mikrobio hil zituzten herritarrez osatutako patruilek , batzuen erasoen eta besteen mendekuen gurpil zoroan. Eta ez du baretzeko itxurarik gaztetxo banden eta patruilen arteko gerrak, Abobo auzuneko herritar ezagun batek esan duenez: "Ezin gara gobernuak arazoa noiz konponduko zain egon. Bost urte baino gehiagoz sufritu dute familiek, denek dakite. Gobernua baldin bada mikrobioon konplize, hor konpon. Gure mailan, geuk egingo dugu horiek suntsitzeko lana". Nekez hilko dituzte denak. Kane Rodrigue Fahiraman soziologoak kontatu duenez, mundu osoko hiri handietan ikusten dira horrelako bandak: "Jendeari bizia kentzea da iritzi publikoak mikrobio bataiatu dituen hauen ezaugarrietako bat. Izena hartuta dago La cidade de Deu (Jainkoaren hiria) film brasildarrean ageri diren gang-etako batenetik. Mikrobio metafora klinikoak irudikatzen du izaki bizidunon txikitasuna, begiz ikusi ezin diren arren bortitzak eta gizartea den organismoarentzako kaltegarriak direlakoan". Boli Kostako gizarteak klase guztietako nekeak sufritzen ditu azken hiru hamarkadotan, 1990ean lehengaien prezioak –nagusiki kakaoarena– hondoratu zirenez geroztik. Estatuaren finantzak desorekaturik, Abidjaneko gobernuak Nazioarteko Diru Funtsera eta Munduko Bankura jo zuen kreditu esker, eta hauek ezarritako formula neoliberalak ondorengo urteetan gauzak gaiztotzea baizik ez du ekarri. Francis Akinde soziologoak ekoiztutako Espoir d'un emploi (Lanpostu baten itxaropena) dokumentalean diotenez, Bolikostan –2014ko datuetan–, 23 milioi biztanleen artean 2014an ofizialki 430.000 daude langabezian. Baina ez ekibokatu: "enplegudun" jotzen dira beltzean lanean ari direnak ere, hau da, behargin guztien %91! Beraz, langile kontratudun urriak ez dira %19 baizik. Langabezia masiboa da. "Gazteria da –dio Akindek– sekulako arma horren energia fisikoa bezala intelektuala mobilizatzen dakiena gizartearentzako. Gazteria arrisku iturri bilakatzen da bere haurtzaroa luzatu eta helduen munduan sartzeko adina berandutzen zaionean". Horri gehitu behar zaizkio azken urteotako bi gerra zibilak. Gbagboren bezala Ouattararen tropek erabili zituzten haur eta gaztetxoak gerran, horrek ekarri dizkien trauma psikologikoekin. Beren eredu ziren helduak ikusi dituzte beste helduak hiltzen, sarritan modu ikaragarrian. Eta beraiek ere, gaztetxo edo haur, xaxatu dituzte gauza bera egitera. Armak erabiltzen ikasi dute, izugarrikeriari beldurra galdu eta arerio edo etsai izatekotan parean jarritako edozein hiltzen ohitu. Kane Rodriguek bandetan dabiltzan gazteon jokabidean ikusten du gizarteak kontutan hartu ditzan beharra. Pobreziak, aginte publikoen utzikeriak, familien desegituraketak, droga trafikoak eta, azken finean gerrak ere bai, ekarri dute auzuneetako "gaztetxoen botere" horren sorrera, karrikan gizarteratzera behartu dituztelako. "Etorkizunerako itxaropenik gabe hazi direnez, bortizkeriak zentzu bat ematen die gazteoi. Ekintza bortitzekin anonimotasunetik irteten dira, hedabideak haietaz mintzo, jende helduak aginte bat aitortzen die gizartean. Aintzat hartuak izan nahi hori mamitzen dute ekintza bortitzetan: biktimaren gorputza betirako markatuta uztean zauriz, orbaintze ikusgarriak uzten dituzte marketan".
news
argia-5536cbdbe013
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/trumpetak.html
Trumpetak
Itxaro Borda
2017-02-12 00:00:00
Trumpetak Txioak bidaltzen ditu goizeko lauak eta seiak artean kazetariak lo direnean, emazteak, beltzak, txiroak, indioak, amerikar kulturgile sosez okituak laidoztatzen ditu arraiki, mundua sutan irudikatzen du Txina, Europa ala Afrika aipatzen dituenean, Putinen adiskidea da, demokrazia looser delakoentzat dela dio eta ahulezia ez du altxor: neoliberalismoak ez du inoiz antzeko politikorik gobernura bultzatu eta izuaz haustear dago mundua. Ameriketako Estatu Batuen ondotik, neurri apalago batean, Frantzian ere FNren iraultza igurikatzen dute elizek, nagusiek, Brigitte Bardot mitikoak, baita jendartearen parte handi batek ere, salbamena, larderiatik, irainetik, latexezko azote kolpez lagundu erreforma sozialetatik etorriko dela sinetsiz. Ez dakigu zer egin sobera dugun libertatearekin eta prest gara kontsumo itzela betikoan ziurtatzearren libertate ezpalak zangopilatzeko. Gutariko bakoitza, edozein dela aitzakia, sistemaren biktima sentitzen den honetan, boterearen hegalpean, bestearekiko mendeku harreman sadiko bezain masokista batean urtzen doa: auzoari eragin minak biziarazten gaitu eta maite dugu hori. Trumpek ez duela bere mandatua bukatuko erraten da.   Parioak libre…
news
argia-b2ea7fe089f2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/ainize-sarasola.html
Suzko lore eroak
Xabier Gantzarain
2017-02-12 00:00:00
Suzko lore eroak Gipuzkoako Artista Berrien erakusketarako hautatua izan zen 2013an Ainize Sarasola Ugartemendia (Orio, 1984ko urriaren 12a). Marrazkiz osatutako instalazio bat zen, eta testu hauxe zekarren sarrera gisa: "Baina orduan dantza egiten zuten kaleetan zoratutako ziben antzera, eta ni haien atzetik zalantzan, bizitza osoan egin izan dudan bezala, interesatzen zaidan jendea jarraitzen dudan bitartean, interesatzen zaidan jende bakarra zoratuta dagoena baita, bizitzeko irrikaz dagoena, hitz egiteko irrikaz dagoena, salbatzeko irrikaz dagoena, aldi berean gauza guztietarako gogoarekin dagoena, inoiz aho zabalka aritzen ez dena eta leku arruntez hitz egiten ez duena, aitzitik, sutan dagoena eta izarren arteko armiarma modura lehertzen diren suziri hori ederren antzera sutan dagoena" (Jack Kerouac, On the Road , 1957). Ainize Sarasolaren marrazkietako giroari Allen Ginsbergen Ulua poemaren hasiera ere ederto datorkie: Nire belaunaldiko buru argienak ikusi ditut suntsituta        eromenez, gosez akabatzen, histeriaz biluzik, arrastaka beltzen karriketan barrena ordu txikietan        orratz-ziztada amorragarriaren xerka, aingeru-buru jakitunak behialako lotura zerutiarragatik sutan        gaueko tresneriaren dinamo izartsurantz, txiro eta zarpail eta begi-zuloekin eta hordi, zutik pipatzen        ur-hotzeko apartamentuetako iluntasun naturaz kanpokoan        hirietako gailur garaietan gaindi airean igeri        jazzari arreta jarrita, Egunero marrazten du, egunero marrazten ditu kalean ikusten dituen sugeak, kameleoiak, otsoak, lepamoztuak, jendea finean, horrorearen kolore bizietan.
news
argia-8f2016ada26e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/mandarinak.html
Mandarinak
June Fern�ndez
2017-02-12 00:00:00
Mandarinak Leire lagun batekin, Martarekin, Greziara joan zen oporretan. Sare sozialen bidez izan ginen euren pozaren lekuko: argazkiak, txantxak, hitz samurrak… Norbaitek galdetu zidan ea elkarrekin dauden. Ez, ez dira bikote, ezta maitaleak ere. Lagunak dira. "Peru munduko gizonik ederrena da", esan zidan Joanesek. Peru bere bikotekide ohia da. Kale berberean bizi dira eta oporrak elkarrekin pasatzen dituzte. Herriko jendea txutxu-mutxuka hasi zen: "Berriro elkarrekin ote daude?". Carmenek eta Rosak 40 urte inguru dituzte. Lagun minak eta pisukideak dira. Rosak bikotekidea dauka, baina ez du berarekin bizitzera joateko asmorik. Ustekabekoren bat daukanean, triste edo gaixorik dagoenean, Carmenengana jotzeko joera du askotan. Pentsaera monogamoa hain dago errotuta gure baitan, ezen eta bikote eremutik at garatzen diren harreman afektibo estuek harridura sortzen duten sarri askotan. Maitasun mota nagusia amodio erromantikoa dela sinetsarazi digute, gure beharrak asetzen dituena. Gure bikotekideak izan behar du gure amorante bakarra, gure pisukide egokiena, gure bidelaguna, gure lagun mina. Hori hala ez bada, agian ez gaude horren maiteminduta. Agian, bera ez da gure laranja erdia. Mari Luz Estebanek " maitasun pentsamendu " hitzekin definitu du diskurtso hori. Feminismoan, amodio erromantikoaren mitifikazioaren kontrako borrokan dihardugu, eta horrek monogamia ere zalantzan jartzera eraman gaitu. Brigitte Vasallok arrazoi mordoa eman digu pertsona bat baino gehiago maitatzeko eta desiratzeko dugun gaitasuna aldarrikatu dezagun, baita besteena errespetatu dezagun ere. Teoria ondo ikasi dugu, baina praktikara eramaterakoan zer gertatu da? Monogamian hezi garenok ezin ditugula eskemak irauli egun batetik bestera. Bikotekide bat baino gehiago izaten edo beste pertsonekin sekretu barik oheratzen saiatu garenean, porrot egin dugu eta errua polimaitasunaren modari egotzi diogu. Desengainatuak sentitu gara eta hobe dela betiko eredura bueltatzea pentsatu dugu: betiko legez adarrak jartzeak min gutxiago ematen du. Horri buruz ere artikulu ugari idatzi izan da. Esaterako,  " poliamodio feministaren utopia " sinetsi izanaren arriskuez ari izan da Coral Herrera Gómez. Feminismoan, amodio erromantikoaren mitifikazioaren kontrako borrokan dihardugu, eta horrek monogamia ere zalantzan jartzera eraman gaitu. Brigitte Vasallok arrazoi mordoa eman digu pertsona bat baino gehiago maitatzeko eta desiratzeko dugun gaitasuna aldarrikatu dezagun, baita besteena errespetatu dezagun ere. Teoria ondo ikasi dugu, baina praktikara eramaterakoan zer gertatu da? Bikote ereduen arloan ere eskema dikotomikoak jarraitzeko joera daukagu: monogamia ala polimaitasuna? Badirudi bi bide paralelo direla eta batetik bestera joateko bat-bateko salto handia eman behar dugula. Errepresioan eta kontrolean oinarritutako eredutik gatoz. Esan digutenez, beste pertsonekin fantasiak edukiz gero, horiek ere adarrak dira; edota masturbatzen bagara, gure bikotekideak asetzen ez gaituen seinale da. Pentsaera monogamoan, sexu autonomiaren ikur oro mehatxu bezala sumatzen dugu eta jeloskortasun eza susmagarria iruditzen zaigu. Gai honen inguruan, Queer Avengers-en bideo batean entzun dut ez garela laranja erdiak edo osoak, mandarinak baizik. Bikotekide mandarinaren atal bat da, baina gehiago ditugu: lagunak, bikotekide ohiak, pisukideak, familia, zaletasunak... Atal bat kenduz gero, mundua ez da bukatzen, besteez goza dezakegu. Ez dago adimen emozionalaren utopiara bat-batean eramango gaituen lasterbiderik. Polimaitasunarekin gustura egotearen auto-exijentzia bortitzaren eta monogamian geratzearen etsipenaren artean, badago beste bide luze bat, luzeagoa baina lasaiagoa: denon artean bestelako kultura afektibo bat ehuntzea, harreman aniztasunean eta zaintzetan oinarritua.
news
argia-eeae2ada3094
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-02-12 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. Iaz indaba gorri hazia hirutan erein behar izan nuen. Lehenengo bietan urtez urte izandako indabaz baliatu izan nintzen, eta kale. Azkenik, hazi berria erostea erabaki nuen, eta primeran. Indaba haziek denborarekin indarra galtzen dute? Juan de Atxirika (Murueta) Kaixo Juan. Indaba edo babarrun haziak ( Phaseolus vulgaris ) hazi guztiak bezala berritu egin behar dira. Urtea joan eta urtea etorri etxekoen artean soilik gurutzatu badaitezke, pixkanaka ahultzen joango dira. Ez da normala, hala ere, urte batean erabat zapuztea… Beste arazoren bat izan ote daitekeen susmoa hartzen diot. Horrenbestez, urtero ez, baina biz edo hiruz behin kanpotik ekarri hazia eta bostetik edo lautik bateko proportzioan nahastu etxekoari. Landareen ezaugarriak nahastu egingo dira eta indartu. Gure amona Joxepa zenak zioen beti "urak ekarritako" hazia gehitzeko. Gorago ohitutako hazia zailduagoa dago, baldintza okerragoetara jarria; eta hobeagoetara, behera eramanez gero errazago emango du.
news
argia-48410805628b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/elkartasunean-oinarritutako-lotura.html
Elkartasunean oinarritutako lotura
Unai Oiartzun
2017-02-12 00:00:00
Elkartasunean oinarritutako lotura Turistak erauntsika heltzen dira egunero Argentinako Iguazu Parke Nazionalera. Txundituta pilatzen dira ur-jauzien pareko pasareletan. Handik irteterakoan, ordea, hegazkina edo autobusa hartzen dute, hurrengo helmuga turistikora bidean. Ez dute Misiones probintzia sakonago ezagutzeko interesik izaten. "Ni, gaur egun, ez nintzateke beste inon biziko", baieztatu du, berriz, Olga Leiciagak. Buenos Aires probintziako Saladillo herrian hazia da 78 urteko emakumea. Gaur egun, Misionesen dagoen Corpus Christi herrian bizi da, bertako Eusko Etxea elkarteko presidentea da. Inguruko lurraldearen berezitasunak kontuan hartuta, ezohiko euskal etxea da Corpus Christi herrikoa. Mbya-guarani komunitateekin egiten duen lana da haren bereizgarri nagusia. Argentinako mapari begiratuta, ipar ekialdean kokatutako adar txiki bat da Misiones probintzia. Brasilek inguratzen du alde batetik, eta Paraguaik bestetik. Paraguairekiko muga Paraná ibai emaritsuak finkatzen du. Polizien kontrolak gora-behera, inguruko jendeak ondo daki Paranáko muga erraz gainditzen dela. Narkotrafikatzaileen ekintza ohikoa da bertan. "Gehienek dakite nortzuk diren, baita Poliziak ere. Baina ez du esku hartzen, gehienetan, negozioaren parte delako", azaldu du Olga Leiciagak. Corpus Christi herriaren inguruan beste ezaugarri nagusietako bat, bide bazterretaraino heltzen den basoa da. Garai batean oihana zela adierazi du Leiciagak, baina azken hamarkadetan, pinuz josi dituztela ehunka  hektarea: "Oihana suntsitzen ari dira, egurraren salmentarekin dirua egiteko". Zuhaitzez libre dauden eremuetan, mate eta te landareen lursailak dira nagusi. Corpus Christi herria XVII. mendean sortu zuten jesuitek. Jatorrizkoa den guarani herriko komunitateak ebanjelizatzeko asmoz heldu ziren, garai hartan, egungo Misiones probintziara. Gaur egun ere, badira hainbat guarani komunitate, basoaren erdian dauden herrixketan bizi direnak. Antzinako hizkuntzari, kulturari, ohiturei, sinesmenei eta bizimoduari eusteko ahaleginean jarraitzen dute, haientzat arrotza den sistemaren oldarraldiei aurre eginez. Errealitate horren berri izan zutenean, komunitate haien alde lan egiteko helburuari heldu zioten Corpuseko Eusko Etxea elkarteko kideek, 2005. urtean sortu zenean. Europako emigranteen ondorengoak dira, gaur egun, Corpuseko biztanle gehienak. Eta euskaldunak ere badira horien artean. Eusko Etxeak egurrezko etxetxo batean du egoitza. Corpuseko bizilagun guztientzat zabalik dagoen liburutegi bat osatu dute, euskal gaiei eskainitako tarte handi bat duena. Hitzaldiak antolatzen dituzte, eta euskal dantza taldea eratzeko lanean ari dira. Guarani herriko komunitateekin egiten duen lana da, alabaina, Argentinan dauden beste hamarnaka euskal etxeekiko ezberdin egiten duena. Corpusen inguruko komunitateekin harremanetan jartzea lortu zuen Eusko Etxeak. "Kostata, nahiko itxiak baitira. Arrotzarekiko mesfidatiak", onartu du Ana Maria Macchik. Komunitateetako buru diren kazikeekin egin zuten lehen bilera gogoan du Olga Leiciagak: "Haien arazo eta zailtasun nagusiak kontatu zizkiguten". Hortik aurrera, guaraniek egunerokoan topatzen dituzten oztopoei aurre egiteko laguntza eskaintzea izan da Eusko Etxearen lan ildo nagusietako bat. Hainbat borroka fronte Chapa i mbya-guarani komunitateko kazikea da Damián Rodríguez. Haien egungo errealitatearen laburpena egin du: "Gure kulturari eta antzinako jakinduriari eusten diogu, baina gero eta zailtasun handiagoak ditugu. Bizirauteko, gurea ez den sistema batera egokitu behar izan dugu. Gure arbasoek, baliabide ekonomiko guztiak eskura zituzten. Orain oihana suntsitzen ari dira, eta ibaian ez dago arrainik, presak egin dituztelako. Jatekoa erosi egin behar dugu, eta horretarako, komunitatetik kanpo lan egitera behartuta gaude". Lurrarena da komunitateen arazo handiena. Gaur egun, jabe pribatuenak edo gobernuarenak diren lurretan bizi dira. Lur horiek lantzeko formazioa eskaintzea izan da Eusko Etxea elkarteko kideen beste asmoetako bat. Aitzitik, traba handiak topatu dituzte. Adibidez, komunitate askotan ez dute ur korronterik, eta horrek baratzea lantzea zaildu egiten du. Argindarrik ere ez dute, kasu askotan. "Lurjabeentzat traba besterik ez dira. Inolako zerbitzurik ez ematea, lurretatik alde egitera behartzeko modua da", salatu du Ana Maria Macchik. Baieztatu du, estatu eta probintzia mailako agintariek badutela egoera prekario horien berri. Baina ez dituztela neurri egokiak hartzen: "Lurra, erremintak, formazioa eta garatzeko tresnak eskaini beharrean, dirua ematen diete". Horrek are gehiago korapilatzen du egoera. Alde batetik, guarani komunitateetako jende asko diru-laguntza horiekin konformatu egiten delako. "Diru-laguntzei esker bizitzera ohitzen dira, eta alde batera uzten dituzte beste jarduerak", zehaztu du Macchik: "Komunitate gehienetan, adibidez, jada ez dute artisautzarik egiten". Gainera, boterean dauden politikariekiko mendekotasuna sortzen du diru-laguntzen ezinbesteko beharrak. Bidegabekerien aurka bat egiteko aldarria luzatu du Olga Leiciagak. Guaranien protestetan eta mobilizazioetan parte hartu izan dute Eusko Etxea elkarteko kideek. "Buenos Airesko komunikabideen arreta erakarri behar dugu. Horrek mugiarazten ditu politikariak", nabarmendu du Leiciagak. Aurrerapenak hezkuntzan Eusko Etxea elkarteko kideen ustez, hezkuntza da komunitateen egoera iraultzeko tresna nagusia. Arlo horretan egin dituzte lorpenik handienak. 2011n, eskola txiki bat eraiki zuten Tavá Miri komunitatean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako dohaintzari esker. Eskolak kultur arteko elkartruke interesgarria sortu duela azpimarratu du Ana Maria Macchik: "Eskolatik gertu bizi zen gainerako jendeak ere bertara bidaltzen ditu haurrak. Gaur egun, ikasleen erdia zuriak edo mestizoak dira". Guarani komunitateak ondo hartu ditu beste jatorrietako haurrak. Chapa i komunitateko Itati Brizuelak adierazi du ez dela berdina gertatzen, haiek haurrak ikastetxe arruntetara bidaltzen dituztenean: "Diskriminazio ikaragarria jasaten dute, ospitaleetan eta beste leku askotan bezala". Eskola elebidunak dira guaranien komunitateetan daudenak, eta guaranien ohiturak eta kultura lantzen dituzte. Aurrera pauso hori lortu izan da, komunitateetako zenbait gaztek irakasle ikasketak egin ahal izan dituztelako. "Abokatuak ere nahi genituzke, gure eskubideak defendatzeko", aldarrikatu du Itati Brizuelak: "Eta medikuak, gure jendea artatzeko". Brizuela erizaina da, eta Posadas hiriko ospitalean aritu da lanean. Guarani komunitateetako osasun egoera kezkagarria dela uste du: "Garai batean gure artean ez ziren gaixotasunak agertzen ari dira: tuberkulosia, HIBa ( Haemophilus Influenzae type B txertoa ) eta abar". Hezkuntzan laguntzeko beste ekimen bat ere aurrera eraman du Corpuseko Eusko Etxeak. Eskola batean zeukaten Mbya-guarani-gaztelania hiztegi bakarraren kopiak egin, eta gainerako ikastetxeetan banatu dituzte. Antzinako hizkuntzari eusteko ahalegin handia egiten dute Misionesko mbya-guarani komunitateek. Hori dela eta, interes handiz hartu dute, Corpuseko Eusko Etxearen bidez, Euskal Herriari buruz heldu zaien informazioa. "Batez ere, euskara hizkuntza eta hari eusteko lana da txunditzen dituena", azaldu du Olga Leiciagak. Milaka kilometrotako distantzia dago Euskal Herriaren eta Misionesko guarani komunitateen artean. Hala ere, harreman natural bat sortzea lortu du Corpuseko Eusko Etxeak.
news
argia-fe07ac30f935
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/arabako-euskalgintza.html
Lehen aldiz elkartu dira zazpi kuadrillatako euskaltzale gazteak
Onintza Irureta Azkune
2017-02-12 00:00:00
Lehen aldiz elkartu dira zazpi kuadrillatako euskaltzale gazteak 60 arabar gazte euskaltzale elkartu ziren urtarrilaren 28an Gasteizen. Topaguneak zirikatzaile lana egin zuen, elkar ezagutzen ez zuten euskaltzaleek topo egin zezaten. Helburua xumea zen, elkartzea eta gozatzea. Añanakoak salbu, gainerako kuadrilla guztietako ordezkariak izan ziren. Unai Viana Topagunekoa da, Gorbeialdeko Mintzalaguneko koordinatzailea. Izarran (Urkabustaiz) bizi da eta Topaguneko langilea izateaz gain gazte mugimenduetako saltsetan dabil. Vianak hanka bat batean eta bestea bestean izateak lagundu du antolaketa. Topaguneak Gasteizko egun-pasa babestu zuen eta Viana eta bi-hiru lagunen bidez, poliki-poliki, Araba osoko gazteen erreferentziak bildu eta haiei amua botatzen ibili ziren. Urtarrilaren 28ko goizean, Arabako txoko guztietatik joandako gazteek haien herrietan euskara bultzatzeko egiten dituzten ekintzak aurkeztu zituzten. Ondoren, mintzodromoa egin zuten. Hori guztia Oihaneder Euskararen Etxean. Tripa zorriak isiltzera alboan dagoen gaztetxera joan ziren, eta tabernako barrari eta musikari esker egun-pasa luzatu zen. Oihaneder Euskararen Etxean. Argazkia: Topagunea. Unai Vianak adierazi digunez, helburu nagusia gazteak elkartzea eta elkarren berri izatea zen. Ez zuten asmo handirik irudikatu, ezta etorkizunera begirako planik egin ere. Abentura moduan definitu du urtarrilaren 28koa: "Helburu finkorik ez genuenez, ez geneukan ezer galtzeko, beraz beldurrik ere ez. Ondo ateratzen bazen ederki eta gaizki ateratzen bazen, bada kito". Oso pozik dira antolatzaileak, uste baino jende gehiago, giro polita eta taldeen aurkezpen interesgarri eta alaiak izan zirelako. Araban herriak oso txikiak dira eta euskalgintzan ofizialki ezagutzen ditugun euskara elkarte modukoak gutxi daude. Geu elkartekoak, Oihaneder Euskararen Etxekoak, Zizta Euskara Taldekoak eta Euskharan Kultur Elkartekoak joan ziren izen horren pean, nolabait esatearren. Gainerakoan, gazte mugimendu eta gazte asanbladatakoak, eta gazte taldetako kideak bildu ziren. Institutuetako euskara batzordeetako kideak ere joan ziren haien berri ematera. 60 euskaltzaleak kontuan hartuta, gutxi ziren 25 urtetik gorakoak. Vianak pena bat dauka, Añana kuadrillatik inor agertu ez izana. Hurrengo aldirik bada, erronketako bat horixe izango da, Añanako gazteei "inbidia" ematea. Ezer baino lehen, gozatu Gasteizko topaketek dibertigarriak izatea garrantzitsua zela azpimarratu du Vianak. Gozatzea erdigunean jarri izana azaltzeko eskatu diogu: "Denetarik behar dugu, momentu batzuetan modu serioak behar dira lanerako. Topaketa berriz, espresuki egin dugu jendea hurbilarazteko, gustura egoteko, gazteok geure indarra sentitzeko. Ez genuen inor beldurtu edo lokartu nahi. Jendea lasai etortzea nahi genuen, inolako konpromisorik gabe". Gazteak gaztetxean bazkalondoren. Argazkia: Topagunea. Topaketek izenburua zuten: Arabarra, gaztea eta euskaltzalea. Bai, eta zer? Norbait zirikatzeko erabili duten izenburu hori galdetu diogu Izarrako gazteari: "Harrotasun puntua erakutsi nahi genuen. Gu harro gaude arabarrak izateaz, baina badirudi kanpotik Araba ez dela horrenbeste lotzen euskararekin edo euskaltzaletasunarekin. Urteak dira errealitatea aldatzen ari dela, guk, arabarrok, ikusten dugu aldaketa, eta askotan galdetzen dut nola ez duzuen kanpotik aldaketa sumatzen. Dena dela, izenburua ez da inori ezer aurpegiratzeko, zirika sanoa baino ez da". Urtarrilaren 28a eta gero zer? Balorazioen garaia da. Topaguneak berea egin beharko du, eta Gasteizen elkartu ziren 60 lagunek ere bai. Hala ere, Vianaren lehen kolpeko balorazioa oso ona da eta aurrera begira zerbait egiteko modua sumatzen du. Duela hilabete batzuk ez bezala, Arabako kuadrilletako gazteen telefono zenbaki ugari du orain.  Elkar ezagutu dute. "Pauso handia eman dugu, topaketa egin dugu, orain pauso txikiak ematen hastea ederra litzateke. Ezin dugu giroa hozten utzi" .
news
argia-26d1c1af8b85
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/mixel-berhokoirigoin-ehlgko-presidente-ohia.html
"Luhusoko ekintza egitea eta eragile politikoak ez zatitzea izan da lorpen handiena"
Mikel Asurmendi
2017-02-12 00:00:00
"Luhusoko ekintza egitea eta eragile politikoak ez zatitzea izan da lorpen handiena" 1952, Gamarte; Baxenabarre. Laboraria da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) presidente ohia. Baserri lanen erretretara pasa da, alta, Ainhize-Monjoloseko laborarien egoitzan segitzen du lanean. Iragan abenduan, "ETAren armagabetzearen aldeko"  ekimenean parte hartu zuen Luhuso herrian, Michel Tubina, Jean Noël Etxeberri Txetx, Mixel Bergouignan, Béatrice Molle-Haran eta Stéphane Etxegarairekin batera. Bake prozesuaz eta Ipar Euskal Herriko egoera politikoaz mintzatu gara, Laborantza Ganbaraz, baita sortu berria den Euskal Elkargoaz ere, Ganbaran. Mixel Berhokoirigoinen hitzetan, politikagintza zeregin arrunt konplikatua da. Horregatik, politikak lan kolektiboa izan behar duela dio. Luhusoko ekimena, ETAren desarmatze lanean engaiatu izana, Laborantza Ganbaran eraman duen lanarekin parekatu du: "Ganbara sortzeagatik auzipetua izan nintzelarik, fokua ene buruaren gainean ezarri zuten. Lan kolektiboa pertsonalizatzeko joera izaten da. Alta, zeregin hori ez dela lider batena soilik pentsatu dut beti". Laborantza Ganbararen presidentea izan zen hamar urtez: "Postua onartu nuen, baina ene buruan baino taldeko lanean konfiantza nuelako. Eta hau ez da diskurtso teorikoa edo slogan bat. Ganbaran ageri denez, helburuak lortzen ari gara denon artean, 'arrakasta' lanak partekatuz erdiesten da". Hamar urteren ondoren, kontrol judizialpean dago berriz ere, Luhusoko beste lau ekintzaileekin batera. Frantziako epaitegietan auzipetuta daude. Bostek elkar ikusteko debekua dute eta ezin dute estatutik irten. Poliziak Luhuson atxilotu zituen bost pertsonak oso ezagunak dira Iparraldean, nor bere eremuan militante historikoa. Tokiko hedabideek Bakearen artisauak izendatu dituzte: "Guk ez dugu izendapen hori bilatu, bakearen gogo gartsua dugu, baina ez dugu bakearen bandera eraman nahi. Baina, egia da, libre atera ondoren horrela deitu gaituzte", erran digu apalki Berhokoirigoinek. Hala ere, beren ekintzaren ondorioz sortu den bat-bateko mugimenduari horrela deitzea onetsi du: "Gauza ederra da, ederra denez, baina nork bere gain hartzea nekeza da. Gainera, zehaztu behar da, bakearen artisau lanetan jende asko ari izan da. Baina, denak ez dira publikoki agertu baitezpada".   Bake prozesuan engaiatzea Bere engaiamenduaren nondik norakoa prozesu bat izan dela dio. Ez zela egun batean jaiki eta "gai horretan engaiatu behar dugu" pentsatu. Euskal Herriko bake prozesua blokeatua ikusirik, zenbait bake konferentziatan parte hartu du, Baiona eta Pariskoetan, besteak beste. Bi estatuek prozesuari ezezko borobila ematen diotelako modu are interesatuagoaz arduratu da gaiaz: "Gatazka armatuetan inplikatua dagoen alde batek –Espainiako eta Frantziako estatuak, kasu honetan– hasieran ezetza eman arren, une batean prozesua finkatzeko tenorea iritsi behar dela sinesten dut. Alta bada, gaian inplikatzea `pertsona enblematiko'-en gain al dago?', galdetu diot usu ene buruari". "Luhusoko ekintzaren efektua baliatu behar dugu saio berri bat egiteko. Oraingo Gobernuak hiru hilabeteko bizitza dauka, eta azkeneko zatia, hauteskunde kanpaina dela eta, pozoitua izanen da" Laborantza Ganbarako presidente ohiak zalantzak ditu norbanakoen engaiamendu soilen lorpenez. Bere ustez, edozein ekimen aitzina eramateko prozedura tentu handiz landu behar da. Bere buruan galdera hauxe izan du luzaz: "Beste gatazkak elkarrizketaren bidez irtenbide batera arribatu badira –eta hori ere ez da guztiz ziurtatua–, hemen zergatik ez?". Borroka armatua geldituta ere, prozesua ontzea ez dela kontu mekanikoa, denbora beharko zela jakitun da: "Agian batzuek pentsatzen zuten, borroka armatua gelditurik, hurrengo urratsak modu automatikoetan emango zirela".  Halarik ere, bera ere denbora joan ahala, gatazkaren konponbidea trabatua ikusteak zeharo harritu du. Denbora behar zela pentsatzen zuen, bere erritmoa...: "Baina momentu batetik aitzina, denbora bereziki gure kontra doala ohartu naiz. Bi dira arrisku nagusiak, gizarteak arazoarekiko distantzia hartzea, eta ororen buru, denok konforme gelditzea. Hau da, borroka armaturik ez dagoela, bortizkeriarik ere ez, beraz egoera normalizatua dela pentsatzea".   Euskal kausaren aldeko militante hau prozesuaren geldotasunaz beldur da. Gatazkak sorrarazi dituen biktimak, presoak eta guztion sufrimenduak lehentasuna ez ukaitea jendartean, gizartearen problema ez izatea. Konpondu gabe dagoen arazo handi hau "normalizatzea" edota ezereztatzea: "Frustrazioa handituz joan daiteke. Errespetu gutxieneko batez bukatzen ez den konfliktoak haziak uzten ditu iraganeko gatazka moldea ernaltzeko berriz ere". "Bakearen alde!" lelopean jende andana bildu zen Baionan, atxilotuak askatzeko eskatuz. (Argazkia: Lander Arbelaitz) Solaskidearen aburuz, jendarte zibilaren inplikazioa baitezpadakoa da. Arazoak ez badu behar bezalako interesa pizten jendearengan, ez da aski indar izanen instituzioak prozesuan inplikatzeko, eta instituzioak ere ezinbestez engaiatu behar dira: "Gakoa jendartean dago, jendeak ez badu gaia biziarazten beste inor ez da arazoan inplikatuko". Laborari baxenafar hau ez da inoiz borroka armatuaren ildoan ibili, ezta hurbilean ere. Orain baina, ETA desarmatzen laguntzeko inplikatu da: "Segurki, batzuek pentsatu dute: zertan sartu dira horiek? Borroka armatuaren estrategiarekiko gure distantziak ezagunak dira, baina horren ondorioekin bukatzen laguntzea guztion zeregina da. Ez gara zeruak argieginak, baina gure gaia dela pentsatzen dugu. ETArekin eskutitzak trukatu ditugun hiru kideez ari naiz bereziki [Tubina, Txetx eta bera], baina ez gara bakarrak, badago jende gehiago gure gibelean. Euskal Herriko pertsona batzuekin eta besteekin hitz egin genuen. Ekintza, talde zabalago batean gogoetatu dugu, askotariko jendea gara, gainera, bederazka, gatazkari buruzko ikusmolde ezberdinak ditugu". Talde horretako beste partaidez galdetu diogu solaskideari: "Nor diren jakin nahi duzu, baina ez dizut izenik emanen". Bakearen aldeko ekintzaile hauek hainbat jende esanguratsuren "tenperatura" hartu nahi izan dutela esan digu. Inplikazio maila ezberdinak izan dira. Batzuk jakinaren gainean zeuden doi-doia, beste batzuek ekintzaren arrazoia ongi ezagutzen zuten: "Eta kontent gaude. Egin duguna, ez ulertua bakarrik, onartua izan baita oro har. Ekintza prozesuaren dinamikari berriz ere lotzeko baliagarria izan da. Kontuz aritu gara. Jende batzuk ez ditugu izan erabat gurekin, eta hurbil direnei 'opari pozoitsuak' ez emateaz arduratu gara". ETAren armagabetzea gauzatu ezin izanak bake prozesua trabatzen du, prozesuaren zati oso korapilatsua da  : "Jende asko diskrezioz aritu izan da eta ari da. Baina kasu, pertsona bat lagun edo traba bilaka daiteke. Nahiz eta gure ekintza borobiltzeko interesgarria izango zen pertsona horien izenak ezagutaraztea, pertsona horiei ez zaie lagungarri izaten geroan. Areago, egunen batean erraten badute ekintzaren berri zutela, arazoak sortzen ahal zaizkie. Duten ardurarengatik, instituzioetan edota beste zereginetan, hobe nor diren jakin ez izatea". Ez da erraza bake bidea urratzea. Haatik, Luhosoko ekintzaren berri Hegoalderaino iritsi da. Aspaldiko partez, PP eta PSE-EE ez beste alderdiek bake prozesua bizkortu beharra adierazi dute prentsaren aurrean Bilbon. Frantziako goi-mailako estamentu batzuetara ere iritsi da ekintzaren oihartzuna. Paristik itzultzean, atxilotuek zer harrera izan duten ikusita, jende askoren ihardukitzea karrikaraino heldu da: "Hautetsien kezkek eta gure ekintzak topo egin dute. Hori espontaneoki gertatu da, ez da preparatua izan. Ikusten delarik hainbat jenderen aurpegiak eta beren keinuak, zerbait mugitu dela ohartzen zara. Hobekiago egiten al zen? Noski, ez dugu nahi genuena lortu, baina egin duguna beharrezkoa zenez jabetu gara". Luhusoko ekimena emeki-emeki  prestatu zuten. "Bakegileak" deituek ekintza handi bat egitea xede zuten, armagabetzearen afera politikaren agendako lehen orrialdean jartzeko: "Lehenago ETAren desarme sinboliko gisako bat izan baitzen, eta guk ez genuen hura errepikatzea nahi. Nahiz eta poliziak gure ekintza geldiarazi zuen, prozesua zabaldu nahi ez dutenek gure parte-hartzea beste gisa batez baloratu dute". Mixel Berhokoirigoinek hauxe errepikatu digu: "Ekintzaren baitan gogoeta kolektibo bat dago. Gure kezka ekintzaren 'muga' zen. Ez genuen nahi onartua izango ez zen ekintza bat. Ez genuen orain arte egin dena hautsi nahi ere. Nazioarteko Begiraleen lana, konparazione. Inor kaltetu gabe, jendartea eta eragile politikoak inarrosi nahi izan ditugu". Estatuen blokeoa ETA desarmatzeko prest dela aspalditik dio solaskideak, armen inbentarioak eginak dituela. Estatuek desarmatzeko aukera blokeatu dute ordea: "Eta guk urrats hori eman dugu. Bagenekien eta badakigu ETArekin harremanetan sartzea arriskutsua dela. Aurkariek, 'hara, zuek ETArekin inplikatuta zaudete', erran dute berehala". ETAk baina, arazoak ditu armak bere gainetik kentzeko. "Hau da, arazoak segitzen du dagoen bezala edo arriskuak hartzen dira". Berhokoirigoinen iritziz, prozesuan aitzina egiteko emandako urratsa baitezpadakoa izan da. Izan ere, haiek baldintza hau jarri diote ETAri: "Zuen armen kudeaketa politikoa gizarteari utzi behar diozue". ETAk hori onartu izana oso inportantea, bere ustez. Poliziaren interbentzioa izan zitekeela kontziente ziren, prestatu zuten planak beste xede bat zuen: "Ez genuen B planik, bistan da. Ekintzaren desarmatze filmatua Frantziako Gobernuari helaraztea xede genuen. Nazioarteko eragileak informatuz eta hemengo eragile politiko eta sozialak ere kontuan hartuz". Zer gertatu zen ordea, polizia Luhuson agertzeko?: "Ekimenaren berri ez genuen hirurok bakarrik, erran bezala, talde zabalago batek gure ekintzaren asmoa ezagutzen zuen. Ez dakit bakoitzak hurbileko bati erran ote zion eta hortik zaba "Luhusoko ekintzaren efektua baliatu behar dugu saio berri bat egiteko. Oraingo Gobernuak hiru hilabeteko bizitza dauka, eta azkeneko zatia, hauteskunde kanpaina dela eta, pozoitua izanen da" lduz joan zen. Edo poliziek badituzte bitarteko teknologiak guztiok segitzeko eta dena kontrolatzeko. Ez dakit, ez dakit", aitortu digu bakearen aldeko militanteak.   Bere ustez, Parisko RAIDek, eliteko poliziak, ekintzaren berri izan zuen egun berean. Poliziek bazekiten zerbait, baina ez dena. Ororen buru, Luhusoko ekintza zapuztu izana euren aurka itzuli da: "Tronpatu dira. Operazioaren bilan politikoa egiten bada, Estatuak galdu du. Frantziako Gobernuaren ohiko bertsioa bertan behera erori da, ez du funtzionatu. Frantses hedabideek barne ministroaren bertsioari segitu diote, operazio antiterrorista zelakoan, gu ETAko zuzendaritzako kideak bezala ekarri gaituzte". Ekintzaegileek baina, ETArekin trukatutako eskutitzak argitaratu zituzten berehala, egitasmoaren zentzua eta argibideak zehatz emanez. Hala berean, manifestazio oldeek ito dute Barne Ministerioaren bertsioa. Gertatua misterioa izan dela dio solaskideak: "Alabaina, polizia operazio hori muntatzea ez da sinesgarria, gero, politikoki haien aurka itzultzen bada. Gau hartan beste zerbait aurkitzea espero zuten. Jakin izan balute Luhuson benetan zeudenak, ez zuten horrela jokatuko. Haiek pentsatu dute etakideak ari zirela armak suntsitzen, baina ez, gu ginen". Luhusoko ekintzaren ondorenean Desarme ekintzaren ondoren ezer aldatu al da, bake prozesuari begira?: "Hasteko, Iparraldean orain arte mugitu ez den jendea ikusi da manifestazioetan. Familia osoak ziren, lehen ez zen halakorik ikusi. Beharbada, gu tartean izateak gure mezuari ate batzuk ireki dizkio. Hainbat jende hasi da gatazkaren egoeraz interesatzen, gu inplikatu garelako. Badakite gu ez garela edozein gauzatan sartzen eta arazoa ulertu nahian hurbildu dira. Guk ez dugu gertatua pertsonalizatu nahi, baina, naski, ekimenaren alde berri bat hori izan da. Gure jarduerak marra batzuk gainditzen lagundu du eta jendearen gogoeta sorrarazi. 'Horiek horretan inplikatu badira, guk gertatzen dena behar dugu ulertu bederen' pentsatu dute".       Politikariek ere orain arte erakutsitako inplikazioan beste urrats bat eman dute, inoiz baino ozenago mintzatu dira. Gobernuko kideak eta diputatuak mugitu dira, mugimendu eta sare sozial zabala aktibatu da: "Alain Roussetek [Erregioko Kontseiluaren presidentea] Luhusoko ekimenaren karietara sostengatu gaitu, Akitania berriko biltzarra bildu du eta bere mezua Parisera helarazi. Roussetek guk hala jokatzea ontzat eman du. PSren barruan jarrera ezberdinak daude ETAren arazoaren aurrean". Paristik itzultzean, Berhokoirigoinek honela adierazi zuen prentsan: "Orain, gizarteak du ETAren armategiaren ardura politikoa". Berdin pentsatzen jarraitzen duela berretsi digu: "ETAren arrazoia herria baldin bada, ez du kontraesanik izan behar, herriari utzi behar dio kudeaketa politikoa. Noski, alde hori hobeki landu eta zehaztu behar da, baina argudio hori ez da txikia, hau da, guk estatuei 'ez baduzue ETArekin hitz egin nahi, ez egin, baina gurekin hitz egin' esaten diegu". "Ekintzaren desarmatze filmatua Frantziako Gobernuari helaraztea genuen xede" Aspaldian hasitako lanaren emaitza da: "Ipar Euskal Herriak Euskal Herria osoari egiten ahal dion ekarpena da, bide luze horretan, pausoaz pauso eta marraz marra, hozka bat gorago eraman dugu gure nahikaria, eta segitu behar da. Ekintza hori egitea eta eragile politikoak ez zatitzea izan da lorpen handiena. Eta pretentsiorik gabe. Batzuetan 'Iparraldea da gure iparra' entzuten dut. Baina bi historia ezberdin ditugu, guk ez dugu instituziorik ukan, eta beharbada horrek lagundu digu politika beste gisa batez ulertzen. Guk instituzio propioa ez izateak lagundu du berau nahi dutenen arteko elkar ulertze bat sustatzen. Eskatzen duzularik zerbait, behar duzu zure argudioa eta bere funtsa elkarrekin landu besteekin". Beste gisa batez errana: "Euskal instituzioaren eginbidean hamabost urte eman dugu, horren inguruan kultura politiko bat sendotzen joan da. Batera sortu zelarik ikusi genuen hori zela bidea. Horrek lagundu du aldi berean gure arteko gatazkak bideratzen, jendarteak nahi duena modu pluralean formalizatzen nolabait. Nolabaiteko boterea duzularik, Hegoaldean bezala, bestela jokatzen duzu". Bere ikuspuntutik, aukera berria izanen da bake prozesuan urratsak emateko: "Luhusoko ekintzaren efektua baliatu behar dugu saio berri bat egiteko. Oraingo Gobernuak hiru hilabeteko bizitza dauka, eta azkeneko zatia, hauteskunde kanpaina dela eta, pozoitua izanen da. Epea laburra da, baina anitzetan hiru hilabetean egiten da bost urtetan egiten ez dena. Aldi labur honetan beste urrats bat ematea posible da, baina diskretuki lan egin behar dugu".
news
argia-de7f51b581e2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/bost-urtez-ur-eta-argi-gabe-eduki-nau-eta-atea-blindatu-dit-kutxabankek-etxetik-botatzea-lortu-duen-arte.html
"Bost urtez ur eta argi gabe eduki nau eta atea blindatu dit Kutxabankek, etxetik botatzea lortu duen arte"
Mikel Garcia Idiakez
2017-02-06 00:00:00
"Bost urtez ur eta argi gabe eduki nau eta atea blindatu dit Kutxabankek, etxetik botatzea lortu duen arte" Kutxabankek etxetik kaleratu zuen arren, bertan bizitzen jarraitu du Juan Carlos Infante irundarrak. Bankuak du etxearen jabetza, baina justiziak ebatzi du pisuan bizitzen segi dezakeela Infantek eta negoziatzera derrigortu du Kutxabank. Hala ere, bankuak ez duela negoziatu nahi, Kutxabanken aginduz urik eta argindarrik gabe eman dituela bost urte eta ateko sarraila bost aldiz aldatu diotela kontatu digu irundarrak. Pasa den urtarrilean, etxean ate blindatua jarri zion bankuak eta amore eman du azkenean, ezin du gehiago, pisuaren ordainetan diru gehiago ez ordaintzea du orain helburu, interes abusiboak gehituta 160.000 euro eskatzen baitizkio Kutxabankek. Etxean ez sartu ahal izateko ate blindatua jarri zioten urtarrilaren 3an, eta ordutik arropa berarekin eta poltsikoan zituen 20 euroekin hilabete eman du Juan Carlos Infantek, bere gauza guztiak etxe barruan dituela. Aurretik, salaketa bat ere jarri zion bankuak bide penaletik; espetxean amaitu zezakeen irundarrak. "Mafioso hutsak dira", dio. Baina kontatu dezagun hasieratik, Infanteren kalbarioa hobeto ulertzeko. "Min handia egin zien komunikabideetan nire kasuak halako sona izateak eta mendeku gosea dute nirekin, bide penaletik eraman nahi izan ninduten. Mafioso hutsak dira" 41 urte ditu Infantek eta 19-20 zituenean pisu txikia eta zaharra erosi zuen; hogei urtetik gora eman ditu bertan bizitzen. Lanik gabe geratu zen eta langabezia eta subsidioa kobratu bitartean hipoteka ordaintzen jarraitu zuen, baina biak bukatu zitzaizkionean orduko Kutxarekin akordioa lortzen saiatu zen; "haien erantzuna izan zen ez-ordaintze prozesua behin hasita ez zegoela geratzerik", eta 2010 inguruan bankuak etxearen jabetza eskuratu eta kaleratu egin zuten. "'Mesede bezala ordu erdi emango dizugu gauza guztiak hartzeko' esan zidaten, eta uko egin nuenez, gauzak han nire borondatez utzi nituela zioen orria eman zidaten sinatzeko". Horren ordez, hurrengo egunean etxea okupatu zuen Infantek, ondoren Kaleratzeak Stop plataformarekin jarri zen harremanetan eta alokairu soziala negoziatzen saiatu ziren, "baina ezer ez". Hedabideetan dezenteko oihartzuna izan zuen bere kasuak eta Kutxabankek begiz jo zuela uste du kaltetuak: "Hedabideetako zurrunbiloaren ondorioz Irungo sukurtsaleko langile batzuk kaleratuko zituztela eta nire errua zela esan zidaten, erasokor; gaizkile baten gisa tratatu naute. Min handia egin zien komunikabideetan halako sona izateak eta mendeku gosea dute nirekin, bide penaletik eraman nahi izan ninduten, espetxean amaitu nezan, baina epaileak prozesua gelditu zuen". Ebazpen judizialak, izan ere, etxean jarraitzeko baimena eman zion irundarrari, eta negoziatu zezatela agindu zuen. Etxearen jabegoa, ordea, bankuak du, eta muturreko jokaerak sortu ditu egoera horrek. "Inoiz ez digute erantzun, ez dute akordiorik nahi" "Inoiz ez gara negoziatzera eseri –dio Infantek–, Kaleratzeak Stop plataformako abokatuak eta biok eskutitzak bidali dizkiegu, alokairu soziala proposatu diegu, eta inoiz ez digute erantzun, ez dute akordiorik nahi". Jada, ordea, irundarrak berak ere ez du etxean segitu nahi: "Psikologikoki ezin dut gehiago, etxe horretara ezin dut eta ez dut nahi bueltatu, bost urte eman ditut Kutxabanken aginduz argirik eta urik gabe bizitzen eta baldintza jasanezinak dira". Iberdrolara ordainketa egitera joan zenean halaxe adierazi zioten, Kutxabankek agindua emana zuela, argindarrik ez emateko. Denboraldi batez, lana lortu zuen gasolindegi batean, eta nominatik zuzenean portzentaje bat kentzen zion bankuak. Atearen sarraila bost aldiz aldatu ostean, ate blindatua jarri eta helburua lortu zuten: ordutik ez da pisura itzuli Infante, gizarte zerbitzuek ordaindutako ostatu batean dago. "Ate blindatua jartzeko denbora dezente behar da eta juxtu egun osoa kanpoan eman nuen egunean egin zuten. Kasualitate handia, ezta? Ez ote ninduten zelatatu...". "Psikologikoki ezin dut gehiago, etxe horretara ezin dut eta ez dut nahi bueltatu, baldintza jasanezinak dira" "Etorkizun bat izateko aukera kentzen dizute" "Gogorra da hainbeste urteren ostean etxea galtzea, baina pisuaren ordainetan zorra kitatzea da orain helburua". Hilero, %30eko berandutze-interesak gehitzen joan zaizkio zorrari eta uneotan 160.000 euro baino gehiago eskatzen dizkio bankuak, "etxea kasik ordainduta nuenean; imajinatu, 20 urte nituenetik daramat ordaintzen! Bi etxebizitza adina ari zaizkit eskatzen, tasazioa kontuan hartuta. Abusiboa da erabat, eta hileroko gurpil zoro horretan murgilduta egotea sufrikarioa da, lana bilatzeko ere eragiten dizu eta ez dizu aurrera egiten uzten, etorkizun bat izateko aukera kentzen dizute, kateatuta zauzkate". Udaleko atea jo du Infantek eta Irungo alkatea prest agertu da bitartekari lana egiteko eta bankuarekin hitz egiteko, etxearen ordainetan diru gehiago eskatu ez dezan. Luzerako prozesua izango dela uste du irundarrak, eta orain pisu txiki bat alokairuan lortzea da bere lehentasuna. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta balia dezake alokairurako eta gizarte zerbitzuek ordainduko diote sarrera. Dena oso motel doala dio, izapide eta burokrazia andana tarteko. Berarekin hitz egin eta bi egunera lortu ditu, azkenean, pisu berriko giltzak. "Kaleratuko zaituztela esaten duzun momentutik administrazioak protokolorik ez izatea, mekanismorik martxan ez jartzea hutsegitea iruditzen zait. Ostatuan, nirekin batera, etxetik bota dituzten bost laguneko familia bat dago, baita kaleratua izan den beste ama bakar bat ere, ezintasunak dituen haurrarekin, eta Udalak larrialditarako pisuak ditu hutsik, bete gabe. Ez dut ulertzen". "Ez dute aurrekari bihurtzea nahi, besteek ere berdina egin dezaketela pentsatzea" "Azkenean erokeriaren bat egingo dut" Istorio korapilatsua entzun eta galdera inozoa egin dugu: bankuarentzat ez al da sinpleagoa negoziatzea, egoera honetara iristea baino? "Bai, baina ez dute aurrekari bihurtzea nahi, besteek ere berdina egin dezaketela pentsatzerik nahi. Batzuekin tratua lortzen dute bankuek, etxea lehenbailehen utzi dezaten eta ez dezaten publiko egin, bestela beste batek jokaldia errepikatzea eskatuko du, horren beldur dira. Izan ere, gaur egun oraindik kaleratze asko eta asko egiten dira, baita alokairuan daudenenak ere". Gurekin kafea bukatu eta zuzenean udaletxera joan da Juan Carlos Infante, zeregin eta buruhauste askori egin behar die aurre oraindik, eta ilun ikusten du etorkizuna. "Muga-mugan nago, psikologikoki jota. Denbora asko daramat lo egin gabe eta azkenean erokeriaren bat egingo dut, eztanda egingo dut".
news
argia-2bbe7bf6a2bf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/emakume-presoak-zigor-penalaz-gain-zigor-morala.html
Emakume presoak: zigor penalaz gain, zigor morala
Jenofa Berhokoirigoin
2017-02-12 00:00:00
Emakume presoak: zigor penalaz gain, zigor morala Zigortzea da kartzelaren funtsa. Zigorra ordea, ez da denentzat bera izaten, bestelakotzen delako generoa, arraza, klase soziala edota beste ezaugarri sozialen arabera. Euskal preso emakumezkoen kasuan argi geratzen da zigor-sistema. Espetxea gizonak gizonarentzat pentsaturiko gunea eta unea izanik, patriarkatuari eta heterosexismoari aurre egin behar die emakumeak. Egiaztapen hori egunerokoan zer nola gauzatzen den azaltzeko denbora hartu dute emakume preso politiko ohi eta eragile feminista batzuek. Kartzelaren barneko errealitatea ez da berdina izaten guztientzat. Zapalketa-sistema ezberdinetan presoak duen kokagunearen araberakoa da zigorra. Euskal preso emakumezkoen kasuan begi-bistakoa izaten da zigorraren areagotzea: zigor bakarra izan beharrean, hirukoitza eta usu laukoitza dutelako. "Lehena zigor penala izaten da, legearen arabera delitu bat egiteagatik espetxean egotea, horri gehitu behar zaio euskal preso gisa dagoena, hau da, arrazoi politikoengatik diren salbuespen neurriak, baita emakume izateagatik gehitzen den zigorra ere", Idoia Arraiza Zabalegi Bilgune Feministako kideak dioenez. Zigor Kodeak ez du halakorik finkatzen, alta, emakume identitatetik kartzelaz hitz egiten hasiz gero, ia sistematikoki ateratzen den ohartarazte bat da. "Delitua eta emakumea bateraezinak direla sinestarazi nahi digu pentsamendu patriarkalak eta gehienetan emakume ona izateko sozializatzen gaituzte. Patriarkatuaren gidoi horretatik ateratzen garenean, gogor zigortzen gaituzte". Soto del Real kartzelan bi urte pasa zituen Rosa Iriarte Laset preso politiko ohiaren hitzak dira. 52 euskal preso politiko emakumezko dira gaur egun 28 espetxetan sakabanaturik. Buruan argi ukanik izendatzen ez dena existitzen ez dela, subjektu gisa emakumea harturik hitz egiten da geroz eta gehiago kartzela sistemaz. Aldaketa horren lekuko, azken aldi hauetan loratzen ari diren idatzi, hitzaldi eta ekimenak. Testuinguru hori eta feminismoak azken urteetan eskuratu ikusgarritasuna direla eta, hitza publikoki eta kolektiboki hartzeko urratsa egin zuten 60 bat emakume preso ohik Kalera Kalera ekimenaren barruan: "Orain artean guk geuk behar bezalako garrantzia ematen ez genion auzi honi dagokion lekua egitera bultzatu gaitu giro honek", Olatz Dañobeitia Ceballosen hitzetan. Sei urtez egon zen preso Dañobeitia Ceballos, 2001etik 2005era eta 2007tik 2009ra, Madrilgo Soto del Real, Avila, Alacanteko Villena, Galizako A Lama eta Arabako Langraizko kartzeletan. Emakume gisa kartzelako bortizkeriak zein diren zerrendaturik, Euskal Herriaren gatazka politiko armatuaren ondorioei begiratzeko deiaz gain, "itzaletan gordetzen diren beste indarkeriak lantzeko" gomita luzatu zuten Usurbildik. Guztien ardura dela ohartarazirik, eragile askoren arteko elkarlanerako esparrua sortzea dute xede. Gaia jorratzeko asanbladak antolatu dituzte; hizlarien artean Oihana Etxebarrieta Legrande eta Olatz Dañobeitia Ceballos izan dira. Gizonak gizonarentzat Badelako zer erran. Gorderik atxikiriko hirugarren zigor klase horri begira jarriz gero, hamaika aurpegi dituela ohartzen gara. Kartzela gizonak gizonentzat irudikatu eta eraikiriko gunea eta unea izanik, diskriminazioa eta heterosexismoa eguneroko ogi dute emakumeek. Hain zuzen, kartzelei buruzko dokumentuetan arras gutxi aipatzen dira emakumeak. Gutxiengoa osatzen dutelako, eta ez dituztelako garrantzitsutzat jotzen. Espazioaren antolaketan berean islatzen den diskriminazioari aurre egin behar izaten diote. Horretaz hitz egitean adibideak ez ditu eskas, Madrilgo Soto del Real, Salamancako Topas eta Kordobako kartzeletan sei urte preso pasa zituen Teresa Toda Iglesiak: "Topaseko espetxeko komunetan zutikako pixalekuak daude eta eseritako gutxi... emakumeak hara bidali zituztenean inork ez zuen egokitze lanik planteatu. Kordobako espetxean, erizaindegiaren moduluan ez dago emakumeentzako tokirik. Egoera larri edota ebakuntza baten errekuperazioa modulu arruntean egin beharra dago". Betaurreko moreekin so eginez gero, egiaztapena da gunea ez ezik, giroa, portaerak, denboraren osaketa, kontrola, zigorrak, hots, guztia dela sexista. Estereotipoen bortizkeria Hain zuzen, generoan oinarrituriko jendarte antolaketaren estereotipoekin talka egiten du emakume borrokalariaren izaerak. Ona, sentibera, eztia zein bihotz zabala izatea dira berezko ezaugarriak, jitekotzat jotzen diren izaera eraikiak. Parean ordea, gizona indartsua, kementsua, determinatua eta nonbait, kartzelan imajina daitekeena kausitzen da. Irakurketa binario horren arabera, emakumea kartzelan egotea zigortu beharreko gertakizuna da. "Zutaz espero denari buelta ematen diozu eta sistemak zigortzen zaitu", Arraiza Zabalegiren hitzetan. Izugarri bortitza dela dio Oihana Etxebarrieta Legrandek, espetxea tarteko duten bikote harremanak aztertu dituen militante eta hautetsi feministak: "Genero eraikuntzan izugarrizko eragina duen espazioa da, genero kartzela bilakatzen da nolabait". Dañobeitia Ceballosek gaineratuduenez, zigortzeaz gain, bide txarretik kendu eta bide onean ezartzeko logikan dabiltza: "Kartzela emakume txarrak on bihurtzeko makina da, beti ere heteropatriarkatuaren baloreen arabera. Izan ere, izugarria da duen karga moralizantea". Horrek dakar eskainitako aktibitateak zeharo estereotipatuak izatea: joskera, zeramika, pintura ala beste, lasaitasuna eta diskrezioarekin errimatzen duten eginbeharrak dituzte esku artean. Futbol edo boxeorik ez, horiek gizonentzako eskaintzak dira. Lana lortuz gero, gauza bera gertatzen zaie. Hor ere emakumeei zuzendutako ohiko lanak baino ez, eta soldata askoz apalagoarekin. Kartzelan izan ezik, atxiloketa eta galdeketaren orduan ere gauza bera gertatzen dela gehitu du: Emakumearen izaera politikoaren eta militantearen ukazioaz hitz egiterakoan, gorputzean, sexualitatean eta rol estereotipatuetan kontzentratzeko joera. Entzun behar izaten dituzten hainbat "astakeria" adibide ematen ditu preso ohiak: Haien ekarpena gizonen sukaldari izatera edo behar sexualei erantzutera mugatzen dela, gizonezko bikotekideagatik eman dutela engaiatzeko pausoa, eta abar. Horrez gain, zigor penala ere gogorragoa izaten dela ohartarazi du Arraiza Zabalegik. Demagun, presoak asaldatzerakoan, gizonezkoen jazarraldi batean baino lasterrago erreprimituko dituzte emakumeak, haien iruditegian gizon bat bai, baina emakumezko bat ez delako erreboltatzen: "Emakumeak legeagatik baino, bekatu bat egiteagatik dira askotan epaituak, zigor morala da gehiago", Bilgune Feministako kideak dioenez. Horren lekuko ondoko zenbaki esanguratsu hau: emakumeek euskal preso politikoen kolektibo osoaren %13 osatu dute, baina, bakartutako kideen %63. Emakume zintzoa bihurtzeko xedearekin, kartzela sistemak "presoaren infantilizazioa" eta "sexualitatearen erabateko kontrola" gauzatzen duela deitoratu zuen Fleuryko presondegian den Itziar Moreno Martinez preso politikoak, urtarrilaren 13ean publikaturiko gutunean. Gizonezko presoekin gertatzen bada ere, emakumeekin azkarragoa dela ohartarazi du. Hain zuzen, gizonek beharrizan sexualak dituztela onarturik, horien asetzeko baliabideak jartzen dituzte, emakumeen kasuan, haatik, ez da beharrizan horien kontuan hartzen. Hori horrela, gizonezkoentzat eskuragarri den pornografia zentsuraturik da emakumeen kartzelan; bisiten unean sexu harremanak nekez gertatzen dira, pairaturiko ikuskatzeagatik, kontrola "eraso huts bilakatzerainokoa" delarik. Agindu "iraingarriz" osaturiko derrigorrezko biluzketek ondorioztatu "umiliazioa" askok "bortxaketa" gisa bizi du. Bisita uneetan maiz deseroso sentitu izana oroitu du Toda Iglesiak ere: "Aurrez aurreko intimoak ia publikoak dira, espetxeko funtzionarioek badakite noiz egingo duzun; momentu batzuetan nahiko gaizki senti zaitezke ". Maitatzeari zuzenduriko denbora biziki mugatua dela gehitu du. Funtsean, intimitate falta orokorra da eta oro har, sexualitatea garatzeko eta bizitzeko aukera mugatzen du. Gizonen eta emakumeen arteko komunikazioa eta harremanak garatzeko aukerarik ia ez denez, "modu gaixoan elikatzeko arrisku handia" izaten dela ohartarazi du Iriarte Lasetek. Harreman heterosexualak gogorrak izaten badira, homosexualak are gogorrago izan ohi dira. Erabat giro heteronormatiboa delako. Harreman lesbikoak "infantilizatzeko" edo "jolastzat hartzeko" joera ere deitoratu du Iriarte Lasetek. Zaintza rolaren pisua Zaintzaren rola kanpoan bezainbat bete ahal ez izanak zigor laukoitza ekar lezakeela dio Arraiza Zabalegik; hori, nork bere buruari jartzen diona izanik. Hain zuzen, ingurukoen beharrak norberaren beharrak aitzin pasarazteko heziak dira emakumeak, eta nahi ala ez, sakonki barneraturiko jarrera izaten da. "Kartzelaratuta direnean beraien buruarekiko zigor bat eragiten dute, beraien ingurukoei huts egin dietelako". Kulpa sentimendu hori emakume askok sentitzen duten karga dela dio Bilgune Feministako kideak. Zaintzari dagokionez, beste alde bat ohartarazten du Moreno Martinezek: "Gizonengana doazenean, nor egoten da itxarongeletan? Amak, emazteak, seme-alabak... Eta emakumeen espetxeetako itxarongeletan? Amak, ahizpak, seme-alabak... ". Bisiten orduan gehiengoan emakumeak kausitzea "zaintzaile rolaren erakusgarri" dela azaltzen du. Hau da, proportzioan aldea handia da mutil laguna bisitatzera doazen neska lagunen kopurua eta neska lagunen bisitatzera doazen mutilen kopuruaren artean. Emakumeek segurtatzen duten babes emozional hori baloratu gabea dela dio Arraiza Zabalegik. Gainera, harreman afektibo sexual osasuntsuak ukaiteko baliabideak erabat murrizturik direla deitoratzen du Etxebarrieta Legrandek. Adibideetariko bat da komunikazio esparruak urriak eta erabat kontrolatuak izatea. Harreman ahal bezainbat osasuntsua izateko bidean, behar afektibo eta emozional guztiak pertsona bakar batean ez bideratzeko aholkua ematen du Etxebarrietak. Hau da, preso dagoenak inguruan dituen beste presoengan ere topatzea babes sareak eta kanpoan dagoenarentzat, bikotekideaz gain maitasun eta zaintza emango dioten beste hainbat pertsona topatzea. Valladolideko espetxera martxa bat antolatu du Bilgune Feministak otsailaren 11n. Feminismoa, ahalduntzeko Kartzela, genero indarkeriaren askotariko formez jabetzeko "eskola gogorra" dela dio Toda Iglesiak. Espetxeko langileen jarreraz gain, preso arrunten errealitatean kausitu "matxismoaren adierazpen eta jarrera gordin-gordinak" eta horri begirako emakumezkoen "onarpenak" ere min egiten dio. Egoera gogor horretan, etsipenak hartzen du lekua artetan: "Askotan sutan jartzen zara entzuten edo ikusten duzunarekin eta inpotentzia handia sentitzen duzu". Gune horretan biziraun behar izanik, ikusmira feminista agertzen edo azkartzen zaiela dio. Funtsean, Dañobeitia Ceballosek dioenez, feminismoa izan liteke ahalduntzeko tresna azkar bat: "Bizi duguna ulertzeko eta identifikatzeko tresna handia da, zapalkuntza horren adierazpen ezberdinei aurre egiteko ere bai". Halaber, askapen prozesu orotan beharrezkoa den elkartasuna eta berotasuna ere ematen dizkiela dio. Hala ere, bakoitzaren bizipen, ibilbide eta kontzientzia hartzearen araberakoa izanen da ikusmira feminista. Hori dela eta, preso guztientzat ahalduntzeko tresna denik ezin liteke erran. Emakumeak feminista sortzen ez direla argi ukanik, erantzun gisa ondoko galdera luzatzen du Dañobeitia Ceballosek: "Galdera litzateke ea zein prozesu eta baliabide ezarri duen ezker abertzaleak eta Euskal Herriko mugimendu feministak emakume horiengana feminismoa gerturatzeko". Bilgune Feministaren lan ildoetariko bat da gatazka politikoari buruzko hausnarketa feministak bultzatzea. Otsailaren 11n Valladolideko presondegira egingo den espetxe martxa da gaiari lotzeko erabakiaren erakuspen bat. Bestalde, iaz formakuntza, ikerketa eta dokumentazio feministarako Emagin zentroak antolatu Eskola Feministak helburu horri begira zuzendu zituzten. Urrats bat gehiago eman eta presoak hausnarketaren barne izateko pausoak dituzte adosturik. "Beraien eta gure arteko harremanak sendotzeko eta aliantzak sortzeko helburua dugu", Arraiza Zabalegik zehaztu duenez. Orain arte puntualki eta behar zehatz batzuk konpontzeko harremanetan ziren, egun haratago joan nahi dute. Espetxe martxan, elkartasuna adierazirik eta preso eta iheslari guztien etxeratzea exijitu ondoan, presoen gogoetak biltzen hasiko dira. Batetik, emakume izanda kartzela nola bizi duten eta bestetik, errealitate horri aurre egiteko ahalduntze tresnak zein ote dituzten galdetuko diete. Erantzunak batu eta bidaliko dizkiete, Arraiza Zabalegik dioenez, "beraiek ere sentitzeko subjektu bat osatzen dutela ". Presoen hitz eta esperientzietatik abiatuta, egoera jendarteratzen segituko du Bilgune Feministak. Presoen lekukotasunak biltzearen premiarekin bat egiten du Dañobeitia Ceballosek ere: "Orain arte ez diegu emakume errepresaliatu bakoitzak bizi izan dituen min eta erresistentziei begiratu. Ondorioz, ez dugu kontakizun kolektiborik eta ez dugu ikaspen kolektiborik sortu". Gatazka politikoari eta gatazkaren ondorioei generoaren ikuspegitik begiratzeko gogoa ikusirik, hutsune hau betetzeko osagaiak baturik direla dirudi.
news
argia-a49433419046
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/gin-zitroina.html
Gin zitroina
Eric Dicharry
2017-02-12 00:00:00
Gin zitroina Diruak dirua ekartzen baitu, tautologikoa den legea errespetatuz, dirua gehien dutenak gero eta aberatsagoak izanen dira. Matematikoa da, sistemaren logika. Beraz, urtero, Oxfam Solidarité erakundearen zenbakiak ezagutzen ditugunean, zergatik gelditzen gara harriturik eta aho bete hortz? Duela gutti, Akizen, Bizi! mugimenduko Jon Palais militantearen epaiketa izan da. Militantea epaitu zuten, paradisu fiskalak salatzeko banku batean kadira batzuk lapurtu zituelako. Uste duzue, ekintza zuzena eta desobedientzia zibila delakoen bidez, munduko aberatsak ikaratu zituztela? Horrelako mugimenduetan parte hartzen dutenek, zergatik parte hartzen dute haien kontzientziarekin ondo moldatzeko ez bada? Horrela pentsatzen dutenek beste galdera bati buruz pentsatu beharko dute: zergatik gizarte guztietan betidanik, ekintza zuzenak, mugimenduak eta altxamendu sozialak izandako maskaradak, bestelakoak izango dira gaur egun? Non kokatzen da historiaren motorra, mugimendu sozial eta klase borroketan ez badago? Zein da historiaren motorra, aberastasuna eta haiekin batera doazen lurraldeen edukitzea ez bada? Mundua ez da aldatuko geure burmuin logizielak ( Softwarea ) ez baditugu aldatzen. Ez da aldatuko "ukan" aditzak "izan"-ena erregularki fagozitatuko duen arte. Arthur Rimbaudek zioenez, ekintza indarra xahutzeko moldea baino ez da bizitza: urduritzea, berotzea, haserretzea. Hautaketaren aurrean gaudenean bi aukera ditugu beti: egitea edo ez egitea. Baina, ez egiteak ez du esan nahi deusik ez egitea, mundua kontenplatzea baizik: begiestea, begi ematea, so egotea. Zinikoek edota ahalkegabeek urrundik kontenplatzen dituzte egiten diren ekintzak. Haientzat ekintza horiek denbora eta indarra galtzea dira. REM taldeko Frédéric Beigbederrek usu hitz hauek kantatzen ditu: "It's the end of the world and I feel fine /Mundua bukatzear dago eta ni ondo sentitzen naiz". Haren ustez, bidea gin-zitroin batean dago, neska gazte politen galtzamotzetan dago nonbait. Hortik datoz nire galderak. Gaur egun, ziniko izateko diruduna jaio behar da edo dirurik gabe sortzen dena ere ziniko izan daiteke? Sosaz beterik sortzen denak zertarako joko du sistema kapitalista desorekatu eta zuzengabearen kontra? Dena duenak zein interes du sistemaren kontra jotzeko? Eta erantzuna etikan kokatuko balitz? Moralean. Burmuinaren ahulezian. Azken finean, zergatik borrokatu eta bizi, boterearen morala kritikatzeko, bizi izatekoaren ilusioa berreskuratzeko edota historiaren lerroak aldatzeko ez bada. Zertarako gara mundu honetan? Nork bere plazer hedonista, indibidualista eta berekoia garatzeko edo ditugun baloreetatik eta etikatik mundua aldarazteko?
news
argia-0198d2b3106d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/txerri-hitza-iraina-ez-denean.html
Txerri hitza iraina ez denean
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-02-12 00:00:00
Txerri hitza iraina ez denean Jerusalem, 1161eko uda. Amalariko I.a errege kristauaren seme Balduin jaio zen. Lehen gurutzadan kristauek konkistatu eta gero, musulmanen lurraldearen bihotzean, Jerusalemgo Erresuma ez zen toki baketsua, are gutxiago Amalarikok musulmanen aurka izandako jarrera erasokorraren ondoren. Balduin aitaren koroa janzteko hezi zuten, guduetan gurutzatuen buru izateko, gotorlekuak altxatzeko, setioei eusteko eta intriga politikoei aurre egiteko. Gerora Jerusalemgo kantziler izango zen Gilen Tirokoa arduratu zen printzearen hezkuntzaz. Eta Gilen izan zen Balduin gaixorik zegoela konturatzen lehena; gorteko medikuek baino lehen, oinordekoak 9 urte zituela, ikusi zuen legenarra zuela. Berehala hilko zela esan nahi zuen horrek XII. mendean. Gainera, gorputzeko gaitza izateaz gain, legenarra arimaren gaixotasuntzat ere jotzen zuten, gaixoak eta haren aurrekoek egindako bekatuen zigortzat. Amalariko aita mutikoak 13 urte zituela hil zen, eta Balduin IV.a Jerusalmengo seigarren errege izendatu zuten, erregeordetzaren babesean. Inork ez zuen uste tronuan luze eseriko zenik, eta errege gaixoa ordezkatzeko hautagaiei jaramon gehiago egin zieten gortean, etorkizun hurbileko trikimailu politikoetan ondo kokatuta egoteko. Oker zeuden. Handik bi urtera, 15 urterekin, Balduin IV.a adin nagusitasunera iritsi zen eta boterea eskuratu zuen. Saladino ere oker zegoen. Sultan handiak errege gaztea gutxietsi zuen. 27.000 mamelukoz osatutako armadaren buru, Jerusalemi eraso zion. Baina Balduinek 375 gurutzatu eta 4.000 soldaduko infanteria bildu zituen, Saladinori atzetik eraso zion eta sultan handia mendean hartu zuen Montsigardeko guduan. Saladinok beste hogei urte beharko zituen hiria konkistatzeko. Balduin IV.a lehenago hil zen, 1185eko martxoaren 16an, 24 urte zituela, itsua eta oinak eta eskuak mutilatuta. Aurpegia erabat desitxuratuta zeukan eta zilarrezko maskara bat erabili zuen azken urteetan. Horregatik esaten zioten "errege txerria", eta "legenduna" edo "madarikatua". Baina ez zentzu peioratiboan. Balduin ez zen agintari oldarkorra izan, integratzailea baizik. Ibn Yubair geografo andalustarrak bere kroniketan jaso zuenez, musulmanak seguru eta bakean bizi ziren haren agindupean. Eta Isapahango imamak hitz hauek eskaini zizkion: "Gazte legendun hark bere agintea errespetatuarazi zuen printze handien moduan, Davidek eta Salomonek bezalaxe".
news
argia-552ffa4fa3c7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/3500-urteko-bitxitegia.html
3.500 urteko bitxitegia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-02-12 00:00:00
3.500 urteko bitxitegia Danimarkako Moesgaard Museoko arkeologo talde batek duela 3.500 urteko bitxigintza lantegi baten aztarnak aurkitu ditu Failaka uhartean, Kuwaiteko kostaldean, Mesopotamiako merkataritza sarean irla txikiak izan zuen garrantziaren seinale. K.a. 2100. urtetik aurrera, Omango mendietan erauzten zen kobrearen pasabide izan zen. Baina K.a. 1700etik  Zipreko kobre merkeagoak uhartearen gainbehera eragin zuen. Eskasia nagusitu zen, hiriak eta jauregiak abandonatu zituzten, eta erregeen hilobiak arpilatu. Handik mende batera merkataritza jarduera berriro suspertu zen, eta garai hartakoak dira aurkitu berri dituzten kornalinazko eta jadezko piezak.
news
argia-8e3bcc2d2a74
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/diego-garate-arkeologoa.html
"Gure historiaurrea berridazten ari gara"
Jabi Zabala
2017-02-12 00:00:00
"Gure historiaurrea berridazten ari gara" Paleolito garaiko labar arte aztarnategi ugari aurkitu eta aurkeztu dira azkenaldion. Bereziki aipagarriak izan dira 2016an Bizkaian Berriatuko Atxurra eta Lekeitioko Armintxe kobazuloen aztarnategi garrantzitsuen aurkikuntzak. Horien atzean ageri da Diego Garate plentziar arkeologoa. Modan omen dago Paleolitoa Bizkaian. Tira, hamar urteko lanaren emaitza da, labar artean normalean ez dira urtero aurkikuntzak egiten. Oraintsu izan da Santimamiñeren mendeurrena, eta beste hiru kobazulo besterik ez ziren aurkitu ondorengo 75 urteetan, baina azken hamar urteotan ia urtero aurkikuntza baten berri izan dugu. Zergatik? Bada, miatzeko proiektuak jarri direlako abian, espezialista berriak agertu direlako eta teknologia eta teknika aldetik aldaketak, iraultza egon delako. Gipuzkoan gauza bera gertatu da, prozesu paraleloak izan dira. "Hiru kobazulo besterik ez ziren aurkitu 75 urtean, baina azken hamar urteotan ia urtero aurkikuntza baten berri izan dugu. Zergatik? Bada, miatzeko proiektuak jarri direlako abian" Zergatik egon gara hainbeste urte Santimamiñe baino askoz gehiago geneukala jakin gabe? XX. mendean ikerlari bakarra Barandiaran izan zen, Telesforo Aranzadik lagunduta, eta haiek egin zuten dena. Egun, gizon baten inguruan antolatutako eskema hori guztiz aldatu da, espezialistak daude eta lantaldeak egiten dira. Oso gai zehatzetan berezitutako jendea dago, labar artean esaterako, eta baliabideak hobetu dira. Barandiaranek linterna ziztrin bat erabiltzen zuen; gaur egun, aldiz, LED argiekin San Mames bezala argiztatu dezakegu kobazulo bat, eta hormak programa informatikoekin aztertu. Espeleologoekiko elkarlana ere faktore berria da? Bai, duela hamar urte hasi ginen hiruzpalau arkeologo ikerketa programa sistematikoa egiten, lanetik kanpo, gure aisialdian, baina berehala konturatu ginen espeleologoak behar genituela. Kobazuloetan aztarnategia argia heltzen den lekuan egoten da, baina batzuetan labar artea barrurago ere aurkitu daiteke eta arkeologoak normalean ez gara haraino sartzen, hori espeleologoen eremua da. Azken hamarkadetan ia harremanik ez da egon, baina Bizkaiko Foru Aldundiak espeleologoentzako jardunaldi batzuk antolatu zituen 2015ean. Arkeologoak eta paleontologoak egon ginen eta aztarnak aurkitzeko irizpideak eta protokoloak eman genizkien. Emaitzak berehala etorri dira: Bizkaian Armintxe, Morgota eta Ondaro; Nafarroan Alkerdi II; Gipuzkoan Aitzbitarte… Euskal Herrian hutsunea omen zegoen. Bai, identifikatutako hiru gune garrantzitsuren erdian; Asturias-Kantabria, Pirinioak eta Perigord. Horien arteko harremana egon behar zuen derrigorrez, pasabide bakarra Irun aldea delako. Beraz, eztabaida zegoen "euskal hutsunea" azaltzeko: zergatik hain aztarnategi gutxi? Gure hipotesia ikerketa lan gutxi egina zegoela zen, eta hortik abiatuta bilatzen hasi ginen. Egun, hutsune hori bete egin da neurri handian, dagoeneko baditugu apaindutako 34 kobazulo Euskal Herrian. Aztarnategi gutxi zeudelako irudia zegoen eta orain, aldiz, gure historiaurrea berridazten ari gara. "Paleolitokoak gu bezalakoak ziren fisikoki, baina oso trebeak eta gogorrak, gaur egun haien baldintzetan ez genuke astebete iraungo" (Arg.: Aritz Loiola) Gu bezalakoak ziren Paleolitokoak? Bai, gu bezalakoak fisikoki, baina oso trebeak eta gogorrak, gaur egun haien baldintzetan ez genuke astebete iraungo. Europako aborigenak Neanderthalak ziren, eta duela 40.000 urte heldu ziren gure arbasoak, egungo errefuxiatuek egiten duten ibilbide bera eginda. Neanderthalak baztertu eta lurraldeaz jabetu ziren. Orduan hasi zen artea. Artea, zertarako egiten zuten? Magia sinpatikoaren teoria dago, irudia egin errealitatea bihur dadin, baina egia esan ez dugu inoiz jakingo labar artearen esanahi zehatza... Haien mentalitatea eta mundu sinbolikoa duela 20.000 urteko kontua dira. Egun Amazonian topa ditzakegun ehiztari-biltzaileen antzeko bizimodua bai, baina mundu sinbolikoa oso ezberdina izango zen. Arte motak ezberdindu daitezke: kobazuloaren sarreran, arte publikoa da, talde osoarentzat, baina Berriatuko Atxurran, esaterako, aztarnategira heltzea oso zaila eta arriskutsua da. Hiru bat lagun sartu, artelana egin eta agian inoiz ez ziren bueltatu, bertan ikatz zatiak utzita.  Betiko galdutako aztarna batzuk ere dokumentatuta daude. Mañarian Atxuri kobazuloa harrobiak eraman zuen. Aitzbitarte IV kobazuloan udalak hormak mangerekin-eta garbituak zituela esan ziguten espeleologoek. Auskalo zer zegoen hor. Aitzbitarte V-en bisontea ikusi nuen bide nagusian, ageri-agerian, grafitiz josita dagoen kobazuloa da. Grafiti garaikideak eta zaharragoak ere bai... Bai, karlista gerretakoak aurkitu dira Atxurran eta Lumentxan, eta Amorotoko Abittaga koban XIX. mende bukaerako armen gordelekua aurkitu zuten ADES Gernikako espeleologia taldekoek. Dirudienez, Lekeitioko bizilagun batek hirugarren karlistaldia antolatu nahi zuen eta bertan gorde zituen armak. Atxurra grafitiz josia dago, eta bisonte batzuk aurkitu ditugu spray margoen azpian, suntsituta. Zorionez Paleolito garaiko artelan gehienak gorago daude, erlaitz batzuen gainean. Eta aztarna berriagoak ere agertuko dira leku batzuetan. Bai, adibidez, Zeanuriko Eguzkiola kobazuloan ETAk gizon bat eduki zuen bahituta eta, indusketak egitean, lehenengo geruzan horren aztarnak agerikoak dira, oihal etxolak-eta prestatzeko lurra mugitu baitzuten. Beheragoko geruza batean gerra zibileko aztarna ugari aurkitu dira eta, are beherago, historiaurreko gorpuak. Gure historia ia osoko aztarnak zeuden hor, bando gerren garaikoak agertzea falta zen bakarrik.
news
argia-27195a032bc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/joxe-austin-arrieta.html
"Arma hilgarria izan daiteke introspekzioa"
Miel Anjel Elustondo
2017-02-12 00:00:00
"Arma hilgarria izan daiteke introspekzioa" Iluna irudi luke, izenburutik beretik hasirik. Estalien Gradora (Txalaparta, 2016). Ordea, aski dira hiruzpalau izpi irakurketaren bidea argiz bete dakigun, gure poesia goren gradora jaso ohi digun poeta fin lumazorrotzaren sormen-lanaz goza gaitezen. "Azken hatsa huela, bertsorik sakonena… …inoiz esan ezin diren estalitako egien oihurik bortitzena, bortitzena!" [Irribarrez, ahapeka kantari]. Nire kasuan, ordea, aurkezpenean esan nuen bezala, ez da oihurik bortitzena, hauskorrena bezain euskorrena baizik. Estalitako egiak dira Estalien Gradora koak? Hor nonbait. Estalitako egia horietara hurbiltze bat bai, behintzat, egia horiek ikertu nahia edo. Xalbadorren omenezko Xabier Leteren poema-kanta ederraren oihartzuna dago izenburuan. Baita Etxepareren harako "goren gradora" harena ere: hemen "beheren gradora"-edo esatea egokiago litzatekeen arren, agian… Bilduma bat da, azken 15-20 urteotan barrena egindako hainbat poema solterena, edo ez hain solterena, batzuk aski aurre-josiak baitzeuden; guztiak Estalien Gradora iragaziak, hori bai. Estalien Gradora , edo Stalingradora? Egokia iruditu zitzaidan Stalingradoko bataila historikoa metaforatzat erabiltzea. Gogoratzen naiz garai hartan Vasili Grossmanen Bizitza eta Patua irakurtzen ari nintzela, eta hura erreferentziatzat hartuta asmatu nituela liburuan ageri diren bi txotxongilo edo pertsonaia xelebre bezain serio horiek, Niketz eta Edgar, Von Paulusen VI. Armadako kaporal zaharra eta lotinant gaztea. Nire bizitzako seigarren hamarkadaren metafora da VI. armada hori. Bi alter ego horiek erabili nituen, neure idazlanetan sarritan egin dudana berriz egiteko: aurretik idatzitako nire testuen autokritika, sakontasuneranzko gogoeta bati ekinez, edo berrekinez, haietan barrena. "Itxia dut poesiaren zikloa. Eta, seguru asko, literaturgintza osoarena" Mikel Antzak poema-antologia antzeztutzat jo du Estalien Gradora . Leitzen ari nintzela, antzezlana ere izan zitekeela pentsatu nuen, tartean poema ederrez hornitua. Zaila baita generoen arteko mugak zedarriztatzea, gaur egun ez ezik, baita aspaldidanik ere –XIX. mendetik hona bai behintzat, nik uste–. Batzuetan nahigabe sortzen da nahasketa. Poesia zer da, lirikotasuna besterik ez? Antzerkia zer dugu, dialektika hutsa? Balekoa iruditzen zait Mikel Antzaren formulazioa: "poema-antologia antzeztua", liburuak dituen hiru parteen arteko joskura antzerki modura emana baitago: bi alter ego horien arteko dialektika da liburuaren "motorra". "Antologia" hitzaren ordez, nik "bilduma"esango nuke soilik, hori bai. Zure ama ei dago liburuaren ernamuinetan. Unheimlich sentsazioa, oso sentsazio korapilatsu eta mingarria dago liburu honen jatorrian. Unheimlich , alegia, kontzeptu freudiar oso inportante bat, gutxi gorabehera eta oso zabarki esanda: helduaroan edo zahartzaroan zure haurtzaroko leku batera itzultzen zarenean sentitu ohi duzun sentsazio delikueszente hori, nostalgiatik baino egonezinetik areago duena, ezagutuaren ezagutuz arrotzagotu egiten zaituen inguruabar zahar-berritu batekiko talka… Ulertzen? Ez, zeharo. Nik ere ez, horra! Nire kasuan, dena den, unheimlich horixe darie, liburuaren erdi aldera amari eskainitako poemei. San Bizenteko elizako sakristia, iceberg bat nire oroimenean. Eta ni hantxe, nire V. eta VI. "armadetan", amaren gurpildun aulkiari eutsiz, amaren mezaren aurretiko eta ondorengo berbaldi xamur zorrotzei adi –markineraz eta mutrikueraz–, baina meza entzuten. Eta, batzuetan, mezaren ostean, hango erretorearekin berriketan; liburuko poeman ageri direnak "pentsatu bai, baina esan ez" nizkion arren, Buñuelen pelikulako danborrak nire burmuinean durundi. Baita orain hain famatu bihurtu den apaiz pederasta horrekin ere. Unheimlich -agorik, nekez… Poema horiek oso dira fundazionalak liburu honetan. Estalien Gradora maionesa moduko bat da, gorringo-zuringo horietatik abiatua. Hori bai, aizu: maionesa eskuz egina da, ez mini-pimerrez. "Nire barruko mamuak isilarazteko enegarren saiakeratzat ere defini liteke, beharbada, liburu hau" Liburua irakurririk, literaturaren eta bizitzaren zentzuari buruzko galdera betikoak egiten ari zarela dirudi. Adinean oso aurrera noa. Inoiz egitekotan, oraintxe egin beharko da delako balantzea, ezta? Ez dakit, halere, "estalien gradora" jaitsi naizen ala ez. Momentu batzuetan baietz iruditzen zait: hor badira zenbait flash; beste batzuetan, berriz, lainoa sartzen da ostera, eta ilunpetan naiz berriro, egin dudan saioak merezi ote duen ez dakidala. Eta hortxe, liburuetako orrialdeetan barrena, Niketz eta Edgar poesiaren definizio bila. Eta definizio kontraesankorrak emanez. Poeta guztiok egiten dugula uste dut, eta narratzaile guztiok ere bai. Badirudi ezin garela libratu geure burua eta geure lanaren ezaugarriak liburu guztietan eta bakoitzean justifikatu beharraz. "Berbatze Enea" atalean moztu egin behar izan nituen testuak, hango nire pertsonaiek –Talaiariak, Adituak, Txerpolariak, eta abarrek–, poesiaren definizio bila nork berea botatzen baitzuen: bata errealismo sozialistaren alde, bestea erlijioaren isiltasunean barna sakontzearen alde… Etengabea da liburuan barna darabilten eztabaida, harik eta isiltzeko agintzen diedan arte. Nire barruko mamuak isilarazteko enegarren saiakeratzat ere defini liteke, beharbada, Estalien Gradora . "Zuhandor", hitz giltza duzu liburu honetan. "Ez zara gauza inoren kontra / errebelatzeko gogor; / amorru-sutan bizirik ere / ez duzu mindu nahi inor; / zeure burua karraskarazten / duzu ernegu-zuhandor, / zeure kontrako zeure xahupena / bilatuz isil ta gotor". Gandiagaren poema horretan, eta beste askotan, garbi ageri da gogo-jardunak dakarkion sufrimendua. Arma hilgarria ere izan baitaiteke introspekzioa; gatazkatsua, bederen, bai, gure kultur tradizio kristauan. "Ni ere zuhandortarra nauk!", esan nion neure buruari, deblauki, poema hura irakurri nuen estreinako aldian. Hiztegian begiratu ere bai, berehala, hitzaren esanahia. Arbola sinbolikoa euskal kulturan: Jesus gurutziltzatu zuteneko zur-habeak zuhandorrarenak omen. Amildegi handiak daude hor, erlijio orok –edo guk gertutik ezagutu dugunak, behintzat–, berez, mamitik beretik, dakarren sublimazio/errepresio sistema hori guztia, ideologikoki berorretatik aldentzen bazara ere, hor sakonean txertatuta gelditzen zaizuna, betiko, nik uste. Zein irakurle duzu gogoan? Zuentzat, neure tribuarentzat, neure ingurukoontzat, neure komunitatearentzat idazten dut. Baina baita neure buruarentzat ere; sentitzen dut inori gaitzi bazaio… Autismoan erortzen ote naiz? Ez dut uste. Baina beti dago arriskua, poesian batez ere, hori ere egia da. Mikel Antzak horixe iradokitzen didala uste dut bere gibel-solas mamitsuan: herrikoiago idatzi beharko nukeela –eta erabat errespetatzen dut iritzi hori, noski–, baina niri horrela idaztea ateratzen zait, ordea. Eta –zin dagit, solemneki–, ez da pour épater , ez da ezein erudizio demostratu nahia. Miresten ditut zuhandortasuna haiku batean jasotzeko gai diren idazleak. Baina ni ez naiz kapaz, askoz ere bihurgunetsuagoa da nire bidea. Lan erraza izan zaizu liburu zail hau osatzea? Joan-etorri handiko lana da, ez jolasa. Jolasa, izatekotan, idazketaren azken fasean, derrepente, umetako Fort Apatxekiko nire jolasez oroitu nintzenean. Liburuan dago hori ere, eta aurkezpeneko hitzaldian ere luzaro mintzatu nintzen horretaz. Horregatik ageri dira separatan eta liburuaren barne-kontrazaletan indio eta yanki horien irudiak. "Herrikoiago idatzi beharko nukeela iradokitzen du Mikel Antzak gibel-solasean; niri horrela idaztea ateratzen zait, ordea" Pasarte deigarria duzu hori liburuan: idazle serio, pertsona larri, haurtzaroko jolasean… Flash bat izan zen, inspirazio bat edo barne-marmar bat, Edgar lotinantak, halako batean, Niketz kaporalari oroitarazten diona. "Hirurogeita sei urte, eta umetan bezala, jolasean ari nauk!", esan nion orduan neure buruari. Momentu horiek ere suertatzen dira, batzuetan, liburu baten idazketan, baina ezin zintezke, noski, une horiek noiz etorriko zain egon, zeren, hala baldin bazaude, ez baituzu inoiz ezer idatziko. Uste duzu hurrengo lanetan ere barruko marmarrek aginduko dutela zure idazkuntzan, edo kanpoko eragileek zuzenduko zaituztela? Irakurri duzu liburuaren bukaera, ezagun duzu: "Eten da berbaroa. Isilean beharko abaroa". Badago halako insatisfakzio-puntu nabarmen bat, Edgarrek Niketzi zera esaten dionean, gutxi gorabehera: "Hau egin dugu, baina zure hitzontzikeria hori hil egin beharko genuke, poesia beste zerbait da". Oraingoz poesiaren lantegia itxita daukat; dozena-erdi bat poema liburu idatzita dauzkat, eta nahikoa da. Itxia dut poesiaren zikloa. Eta, seguru asko, literaturgintza osoarena. Zikloa itxia zuk? Poema luzea irakurri berri dizut, ba, argitaragabea, Mugaren mugan, Mugalekun . Baina hori ez da ezer, hori ez da liburu baterako hasikina ere. Poema luze bat da, Maite izeneko pertsona maite baten heriotza-agurra. Oso hunkigarria –niretzat–, eta Estalien Gradora ren estilotik bestelakoa oso. Nire idazte-lanak bukatu direla esan izan dut, publikoki, beste elkarrizketa batean. Osasunez ongi nago; baina kemenik… horretan sentitzen naiz makal. Baditut bozetoak, badut material dezente, baina nik oso prozesu luzea behar izaten dut lehengai hori dena mamitu eta liburu batean bildu eta antolatzeko. Vide grenier egiten ari naiz, oraingoz, "ganbara hustea" alegia, Iparraldean askotan egiten dutenaren antzekoa, ganbaran dauden traste zaharrei hautsa kentzen, antolatzen, baina ez dakit gero zer egingo dudan traste horiekin.
news
argia-310947af7dab
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/bidazi-elkartea.html
Kanpaina abian, bertako produktu freskoak eskaintzeko
Garazi Zabaleta
2017-02-12 00:00:00
Kanpaina abian, bertako produktu freskoak eskaintzeko "Agroekologia eta auzolanaren kultura oinarri hartuta, mugaz gaindiko Bidasoaldeako herritarron gunea eraikitzea zen Bidaziren helburua". Oier Fuentes elkarteko kidearen hitzak dira, Hamaika Telebistak egin zion elkarrizketan jasoak. Txingudiko, Bortzirietako, Xaretako, Malerrekako eta Baztango herritar nahiz ekoizleak biltzen ditu Bidazi elkarteak, kontsumo eredu alternatiboaren alde: solidarioa, ekologikoa, arduratsua, bertakoa, kontzientea eta transformatzailea. Denda elkargune Bidasoaldeako hainbat familiek osatutako kontsumo talde moduan urteak zeramatzan Bidazik. 2014an Lesakako Alkaiaga auzoan elkartearen lokala jarri zuten martxan.     Zonaldeko ekoizleen produktu ekologikoak (edo ekologikora bidean doazenak) dituzte eskuragarri azoka horretan, baina denda hutsa izatetik harago doa Bidaziren gunea: ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanak bultzatzea bilatzen du, baita kontsumitzaile-kontsumitzaile eta ekoizle-ekoizle harremanak ere. 150 kidetik gora ditu gaur egun elkarteak.     Kontsumo eta ekoizpen arduratsuaren gaineko formazio lanean ere badabil Bidazi. Hitzaldi, aurkezpen, tailer nahiz ikastaro ugari antolatu dituzte urte hauetan jendartean sentsibilizazioa bultzatzeko. Eskaintza hobetzeko, laguntza eskaera Azokako zerbitzua hobetzeko asmoz, crowdfunding kanpaina martxan jarri berri du elkarteak. Zein da helburua? Bada, tokiko produktu freskoen aukera zabaltzeko bi hozkailu lortzea. Hozkailu bakoitza jartzeak 3.500 euroko kostua izanen luke, eta diru kantitate horretan jarri dute lortu beharreko gutxienekoa.     Urtarrilaren 25ean abiatu du diru bilketa Bidazik, eta 40 egun iraungo du, martxoaren 5era bitartean. Proiektuari bultzada eman nahi dion orok egin dezake bere ekarpena goteo.cc/bidazi webgunean. Trukean, zonaldeko produktuak jasoko ditu opari.
news
argia-9df0f4330aba
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/encarna-bodelon-berdingoaren-bila.html
"Gizonezkoek euren egitasmo feministak sortu beharko lituzkete"
Saioa Baleztena
2018-01-28 00:00:00
"Gizonezkoek euren egitasmo feministak sortu beharko lituzkete" Zuzenbidean doktorea eta Antígona ikerketa taldeko zuzendaria da Encarna Bodelón (Bartzelona, 1967). "Generoa eta Berdintasuna" eta "Indarkeria matxisten" graduatu ondoko ikastaroen zuzendarikidea da eta bere ikerketa lerro nagusiak, generoa eta zuzenbidea, eta emakumeen zigor penala izan dira, bertze hainbaten artean. Zein da zure ustez emakumeon eskubideen osasuna gaur? Nazioartean aurrera egin dugu emakumeon eskubideen aitorpenean, baina horrek ez du esan nahi soziologikoki desberdintasunak gainditu ditugula. Europar Batasunean, adibidez, gizon-emakumeen aldea gutxitzetik urruti, hazten ari da. Adibidez, Katalunian zein Espainiako Estatuan ugariak dira hainbat eta hainbat aldagai ekonomiko, hala nola, soldataren arrakala edo emakumeon langabezia. Kezkagarria da oso. Zenbateraino hobetu da egoera azken urteotan? Zuzenbidearen arloan, kontzientzia feminista asko hazi da: 90eko hamarkadan ez zegoen jurista feministarik eta orain, aldiz, bai. Baina kasu, oraindik ere, zuzenbideak ez ditu emakumeon eskubideak bermatzen. Zailtasunak desberdinak dira gaur egun, baina bere horretan jarraitzen dute. Sarri gertatzen da eskubide bat ase bezain agudo desberdintasun-gune bat irekitzen dela. Eskubideen borroka etengabeko bilakaeran dago.   Antígona ikerketa taldeko zuzendaria zara. Noiz eta nola jaio zen? Duela 15 urte sortu genuen Zuzenbide Filosofiako hainbat irakaslek. Gure helburua hastapenetik izan zen zuzenbideko irakaskuntza eta ikerketa feminista sustatzea. Urte hauetan guztietan graduatu ondoko hainbat espezializazio sortu ditugu, tartean, eraso matxisten inguruan Espainian egin daitekeen ikasketa bakarra. Bestalde, zuzenbideko ikerketa feminista jorratzen dugu. Zertan aldatu da taldea? Jende aunitz hezi dugu, prekarietatearen testuingurua tarteko, ikasketak amaitzeko Espainiatik kanpora erbesteratu behar izan dutenak. Taldea aldatzen joan da, beraz, baina, ikerketa hainbeste zigortu duen krisi ekonomikoaren gainetik, lortu dugu etengabeko garapenean egotea, pozik gaude. Feminismoa sarri aitortzen zaigu emakumeoi. Gizonezkorik ere egongo da tartean, ezta? Nahi baino gutxiago. Antígonan adibidez, %95 emakumezkoak gara. Orokorrean oso zaila da gizonezkoak zuzenbide feministara erakartzea. Joera orokortua dela esango nuke, graduondokoetan ere 25 ikasletik urtero gizonezko bat edo bi izaten dira, gehienez ere. Gizonezkoek arazo larria dute, eta feminismora batu baino, euren egitasmo feministak sortu eta autokritika egin beharko lukete. Baina, zoritxarrez, ez dago gaur gaurkoz gizonezkoen egitasmo feministarik. Hitz egin dezagun espetxe zigorraz. Generalitateko kontseilarien espetxeratzeak berpiztu du emakumeen eta kartzelen eztabaida. Zein iritzi duzu? Isilarazita dago kartzelen gaia orokorrean, baina zer esanik ez emakumezkoen espetxeratzearena. Espainian eta Katalunian hauen espetxeratzea %6aren bueltan da, baina murritza izateak ez du justifikatzen gaiaz ez hitz egitea. Emakumezkoen espetxeratzea bereziki larria da, gizonezkoenean agertzen diren arazoak larriagotzen direlako. Hala nola, familien deserrotzearen, arazo ekonomikoen edo bazterketaren bitartez. Baina ez hori bakarrik, emakumeen espetxeetan bazterketa ikaragarria dago generoari lotuta. Kataluniak Estatu independente izatea lortzen badu, zein izan beharko litzateke espetxeen funtzioa? Itxi beharko lirateke. Emakumeena abiapuntu interesgarria da, oso erraza baita emakumezkoen espetxe guztiak ixtea: emakumezkoen %95a jabegoaren kontrako delitu txikiak eta drogen salerosketa dela-eta dago espetxeratuta. Beraz, argi dago espetxeek, gaur gaurkoz, ez dutela funtziorik asetzen. Espetxeak gizartearen porrota dira. Nola aldatu daiteke presondegietako sistema? Azpiegiturari dagokionez aldaketak egin dira, baina ez da sustatu espetxeratzeen funtzioaren inguruko eztabaida sakonik. Ezinbestekoa da espetxe sistemaren alternatibak sustatu eta testuingurua aldatzea. Adibidez, jabetzaren kontrako delituen edo droga trafikoaren aurrean espetxeratzearen zigor alternatiboak daude. Zentzurik ba al du kokaina kilo erdia trafikatzen duen emakume batek sei urte ematea preso? Zigor horrek zerbait konpontzen al du gure gizartean? Ezer ez. Baina, ez hori bakarrik, hilketa bat egiten duen edonork arreta berezia behar du, baita egin duen mina konpontzeko ere. Espetxeratzeak ez du ezer konpontzen. Amaitu aurretik, zein dira berdintasunaren aldeko erronka nagusiak? Geure sistema ezaugarritzen duen eredu patriarkal neoliberalaren kontrako borroka nekeza da, eta lan asko dugu egiteko, baina baikorra naiz feminismoa geroz eta biziago ikusten baitut. Uste dut erronka nagusia orain gizonezkoekin lan egitea dela: lan asko egin dugu prebentzioari dagokionez, baina gizonezkoak ez dira mugitu. Bestalde, ezinbestekoa da zainketari dagokion lana gizarteratzea, eta azkenik, emakumeen pobreziaren kontrako neurriak hartzea ezinbestekoa da.
news
argia-d2c6cb75a97e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/adrian-orr-en-ninato-filma.html
Egun on, erresistentzia
Pablo La Parra P�rez
2018-01-28 00:00:00
Egun on, erresistentzia Niñato bezalako pelikula gutxi dago. Askotan galdetzen diogu geure buruari non ote dauden gure garai historikoa erakusten duten pelikulak, noiz ikusiko ote ditugun gertuko errealitateak pantaila handian. Baita non ote dauden istorio edo argumentuetatik haratago errealitate horiek lengoaia zinematografikoaren bidez islatzeko gai diren pelikulak ere. Erabaki formalak jokoan jartzen dituztenak: zein kamera erabili, zein leiar, nondik filmatu, zenbat denbora, soinua nola grabatu, nola lotu irudi eta soinu horiek guztiak. Askotan galdetzen diogu geure buruari non ote dauden horrelako pelikulak, beraz garrantzitsua da Niñato bezalako aurkikuntza ospatzea. Eta ez bakarrik ospatzea; baita pelikulari buruz hitz egitea ere, pelikulaz eztabaidatzea eta idaztea, pelikula denok elkarrekin ikustea, pelikula bultzatzea eta aldarrikatzea. Horrela, agian, lortuko dugu pelikulak iraun dezan, berehalakoa gainditu dezan –sariak eta estreinaldiak, urteko film onenen zerrendak– eta etorkizuneko proiektuentzat eredu bilakatu dadin. Adrián Orren (Madril, 1981) lehen luzemetraia da Niñato . "Niñato" ezizenez ezaguna den David Ransanz aurkeztuko digu pelikulak, hogeita hamar bat urteko hip hop musikaria. Baina Davidek bere familiarekin dituen harremanetan murgilaraziko gaitu batez ere: Mimi, Oro eta Luna umeekin eta bere guraso eta arreba Elirekin konpartitzen duen bizimoduan, alegia. Izan ere, Orren kamera Ransanztarren etxean sartuko da, Madrilgo auzo bateko elkarren ondoko bi etxebizitza txikitan. Filmak zaintza sare konplexu baten gertuko erretratu zinematografikoa osatzen du –sare hau batez ere familiako emakumeek aurrera ateratzen dutela ezkutatu gabe–. Adrián Orr (Madril, 1981) zuzendariaren lanak sari ugari jaso du. 'Niñato' erresistentziarik oinarrizkoenaren erretratua da. Egunerokotasunaren erresistentzia Niñato nazioarteko hainbat zinemalditan saritu dute. Nyonen, Buenos Airesen, Quiton edo Sevillan, besteak beste. Hala ere, bira arrakastatsu hau baino askoz atzerago bilatu behar da filmaren jatorria, 2013. urtean hain zuzen ere. Urte horretan zuzendariak Buenos días resistencia laburmetraia egin zuen. Pieza oso hau Niñato pelikularen eszena bakarra da. Bertan Mimi, Oro eta Luna ikusiko ditugu esnatzen. "Egun on" xuxurlatzen du Davidek. Oraindik ilun dagoen gelan umeen mugimenduak antzematen ditugu. Pixkanaka hasiko dira janzten, oraindik begiak itxita dituztela. Ez dute esnatu nahi. Ez dute jantzi nahi. Ez dute eskolara joan nahi. Eguneroko erresistentzia erritual bat da. Niñato umeen beste esnaldi batekin bukatuko da. Mugikorraren alarmak joko du, begiak irekitzen hasiko dira. Hiru urte pasa dira, umeak hazi egin dira pelikulan gure begien aurrean, baina berriro ere ikusiko ditugu pixkanaka esnatzen egun arrunt batean. Bi esnatze hauek markatzen dituzte Niñato -ren denborak. Bi denbora aldi berean. Denbora lineal bat –zuzendaria Ransanz familiarekin bizi izan zen sei urteak– eta denbora zirkular bat –Ana Pfaffek eginiko muntaia eraginkora sortzen dituen ohiko keinu errepikakorrak–. Denboraren halabeharrezko joana eta egunerokotasunaren zirkularitatea. Eta bien arteko bidegurutzean, erresistentzia aurkituko dugu, oraingoan, benetako erresistentzia. Elkarrekin aurrera egitearen duintasuna. Seguruena hau da Buenos días resistencia izenburuak ematen digun irakurketa gakoa: Niñato erresistentziarik oinarrizkoenaren erretratua da. Egunerokotasunaren erresistentzia. Ez da "pelikula sozial" konbentzionala, non "zuzendari konprometitu" bat auzo batera joan eta ia etnografoa balitz bezala errealitate exotiko bat erretratatzen duen Erretratu hau egiteko Niñato filmaren elementurik garrantzitsuenetako bat hauxe da: Orr non kokatzen den, nondik filmatzen duen. Leku hori deskribatu ahal izateko, zuzendariaren hainbat erabaki azaleratu behar ditugu. Hasteko, pelikulan dagoen "barrukotasun" berezia. Niñato ez da "pelikula sozial" konbentzionala, non "zuzendari konprometitu" bat auzo batera joan eta ia etnografoa balitz bezala errealitate exotiko bat erretratatzen duen. Dimentsio organiko eta zuzena dago Niñato -n: David zuzendariaren lagun minetako bat da; musika talde bereko kide ere izan ziren. Beraz, Orr bere auzoa filmatzen ari da, bere mundua. Baina mundu berekoa izateak ez du ezer bermatzen. Erronka gertutasun hori ikusgai egitea da eta, meritua, kasu honetan, hori lortzeko zuzendariak hartutako erabaki zinematografikoetan datza. Bi erabaki indartsu daude, besteak beste: zuzendariak kameralariarena egin du eta 50mm-ko leiar finko bakar bat baino ez du erabili filmatzeko. Era honetan erretratua literalki distantzia justutik dago egina. Johan van der Keuken zinegileak zioen bezala, distantzia bat negoziatzean datza errealitatearen edozein eszenaratze zinematografikoren oinarrizko galdera: "Nola gurutzatu ni eta bestearen arteko hamar metroak, nola lortu espazio berean egotea… normalean ukitu dezakedan distantzian filmatzen dut, ukitua izan naitekeen distantzian. Eta hor, ukitua ez ezik, ez-onartua ere izan naiteke". Zinegileak, kamerak eta protagonistek partekatzen duten espazioaren bilaketa, distantzia honen negoziaketa, hauxe da Niñato -ren arazo zinematografiko oinarrizkoa. Orrek ikasi behar izan zuen oso leku zehatz batean jartzen, ez voyeur bat sentitzeko bezain urrun, ezta arrotza izateko bezain gertu ere. Emaitza zinearen bidez eraikitako hurbiltasun berezia da. Nola egin prekarietate garaiko egunerokotasunaren erresistentziari buruzko film bat? Zuzendariak espazioa erabiltzeko moduarekin lortu du Zuzendariaren beste erabaki handi bat zera da: ez azaltzea ezer esplizituki, guztia somatu dadila. Protagonistei buruz, adibidez, ez dago informazio gehiegirik, beraien arteko ahaidetasuna ere ez dago argi. Pertsonaiak beren hitz eta ekintza txikien bitartez besterik ez ditugu ezagutzen. Eta hori nahikoa da, beraiekin bizi gara. Une historikoarekin ere gauza bera gertatzen da. Izan ere, kritika batzuek "testuinguru" falta leporatu diote pelikulari. Hala ere, askotan boteretsuagoa da hitz-erdika esaten dena inposatzen dena baino. Pelikularen grabaketaren sei urteek bat egiten dute M15 mugimenduarekin eta haren ondorengo bizitzekin, baita murrizketa-programen ezarpenarekin eta krisiaren efektuen areagotzearekin ere. Elkarrizketaren batean Orrek kontatzen du egoera honi aipamen zuzenik ez egitea nahita hartutako erabakia izan dela. Ikusten ez dugun arren, Davidek eta bere neskalagunak M15 mugimenduan parte hartu zuten eta momenturen batean, zuzendaria sartzekotan egon zen erreferentzia zuzenen bat, eszenaren batean telebista bateko albisteen soinua gehituz, esate baterako. Azkenean, ideia alde batera utzi zuen eta apustu esplizitua saihestea izan zen. Orrek ez zuen "krisia" istorio bateko dekoratu bilakatu nahi. Nola lortu, orduan, garai zehatz hori pelikula osoan zehar antzeman zedin? Nola egin prekarietate garaiko egunerokotasunaren erresistentziari buruzko film bat? Kasu honetan, erabaki zinematografikoak espazioarekin dauka zerikusia. Egunerokotasun erradikal bat ikusten dugu: protagonisten erresistentziak eta duintasunak gertuko mundu materiala kutsatzen du Niñato -n denbora historikoa eguneroko espazioen tratamenduaren bitartez azaltzen zaigu. Bertan pertsonaiak elkarrekin bizi dira, elkar maite dute, eztabaidatzen dute, amesten dute, ikasten dute. Edward Soja hirigileak zioen ez dagoela errealitate edo prozesu sozialik espaziotik at. Harreman sozialak, Sojak azaltzen duenez, espazio bizi batean gertatzen direnean bilakatzen dira egiazko eta zehatz. Hori ere bada Niñato : bizitako espazioen bilduma. Pelikularen eszenak espazio-errepertorio murriztu batean gertatzen dira –maitasun eta haserrealdi mundu bat, txikia eta gertukoa, auzoaren eskala berean–: batez ere, Daviden familia bizi den elkarren ondoko etxebizitza txikiak; baina baita etxetik eskolarako bidea, bidaiaren bat kotxez edo metroz; edo taberna batera pare bat irteera labur. Niñato filmeko protagonistak bizitako espazio txikietan ibiltzen diren bitartean, beren elkarrizketek erresistentzia txikien konstelazio baten zirriborroa egiten dute zatika. Eskolako atean, adibidez, Davidek beste guraso batzuekin hitz egiten du jangela ordaintzeko zailtasunaz; eta barrez, umeei etxean bazkaltzen emateko "eguerdietako kluba" sortzen dute bat-batean. Daviden arreba Elik egiten dituen iruzkinez ere beste hainbeste esan daiteke –Espainiako unibertsitatearen prekarietate-labirintoan lanpostu bat sendotzeko borrokatzen ari da pertsonaia hori–. Egunerokotasun erradikal bat ikusten dugu: protagonisten erresistentziak eta duintasunak gertuko mundu materiala kutsatzen du, eguneroko espazioak.  Keinu bat aldarrikatu behar da Niñato -n: bere koherentzia. Egunerokotasunaren duintasun oharkabea aldarrikatu ez ezik, oso pelikula txikia da bere baitan ere: iraupen laburra, erakundeen laguntzarik gabe egina, baliabide formal eta teknikoen ekonomia txikienean oinarritua. Beharbada horregatik da hain proposamen zintzoa. Niñato bezalako pelikula gutxi dago.
news
argia-ec8647f17eab
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/boiro-eta-a-pobra-do-caraminal.html
Boiro eta A Pobra do Carami�al
June Fern�ndez
2018-01-28 00:00:00
Boiro eta A Pobra do Carami�al Kontatu al dizuet erdi galiziarra naizela? Nire ama Boiron jaio zen, Arousako itsasadarreko herri batean. Aitite itsasoan zegoela, hilabeteak igaro zituen alaba ezagutu barik. Familiako gizon gehienak marinelak ziren. Behin nire birraitite Manuel Bilboko portura bisitatzera joan zen nire birramama Celsa. Bizkaiko industriaren loraldiak liluratuta, senarrari esan zion: "Hemen etorkizun hobeagoa izan dezakegu". Barakaldora migratu ziren hiru alabekin, suhiekin eta lehenengo lobarekin, nire amarekin. Galiziako Zentroak bizitza errazten zuen pisu batean egokitu ziren, denok elkarrekin, senar-emazte bakoitza etxe bat erosteko gai izan zen arte. Uda-garaian, familia osoa Boirora itzultzen zen oporrak pasatzera. Arousa udaldi gune bilakatu zen Bilbo bezalako industria hirietara migratutako familientzat. Etxebizitza berriez gain, taberna kopurua ere biderkatu egin zen; gehienak droga-trafikoa estaltzeko balio zutela azaldu zidan aititek txikia nintzela. 90eko hamarkada Nécora operazioaren garaia zen. 1998. urtean ere albiste izan zen Boiro, Ramon Sampedro idazle tetraplegikoak han gauzatu baitzuen hiltzeko eskubidea. Niretzat Boiro hondartza, janari goxoa eta kanta alaien ( Bailaches Carolina, bailei sí señor… ) sinonimoa zen. Askatasunaren sinonimo. 13 urterekin Boiron hasi nintzen parranda egiten eta ligatzen. Egun Googlen Boiro tekleatzen baduzue, Wikipedia eta Udalaren sarreren ondoren, 2017. urteko abenduaren 29ko albiste bat topatuko duzue: "La joven de Boiro denunció que el detenido intentó meterla a la fuerza en un maletero amenazándola con un cuchillo". Urtarrilaren 1ean esnatu, Twitterren sartu eta albiste batek eragindako hotzikararekin hasi dut urteberria. A Pobra do Caramiñalen –Boiro ondoko herria– 2016an desagertutako udatiarra Diana Queren hiltzailea da Boiroko neska bahitzen saiatu den gizona. Gazte horrek ihes egitea eta poliziarengana jotzea lortu zuen. Gertakari beldurgarri batekiko gertutasunak, "biktima ni izan ninteke" sentsazioak, barrua astintzen digu. Albistea benetakoa bihurtzen da, gorpuztu egiten da. Urtarrilaren 1ean esnatu, Twitterren sartu eta albiste batek eragindako hotzikararekin hasi dut urteberria. A Pobra do Caramiñalen –Boiro ondoko herria– 2016an desagertutako udatiarraren, Diana Queren, hiltzailea da Boiroko neska bahitzen saiatu den gizona. Gazte horrek ihes egitea eta poliziarengana jotzea lortu zuen Diana Quer desagertu eta astebete ondoren Boiron egon nintzen. Gure auzoko paretak bere argazkiaz josita topatu nituen. A Pobra do Caramiñaleko urmaeletan helikopteropean bainatu nintzen. Nire amamak, Telecinco piztuta, "neska gizajoa" errepikatzen zuen etengabe, sasi-kazetariek familiaren trapu zikinak zabaltzen zituzten bitartean. Nire aititek hauxe erantzuten zuen: "Ez da bizirik agertutako, gizon zerriren batek hil du". Orain ni naiz Diana Quer burutik kendu ezin nabilena. Nire memorian Nagore Laffage du bizilagun. Sanferminetan eta Malagako Ferian talde-bortxaketak salatutako bi neskak ere ditut gogoan. Hedabideek eta justiziak bien sinesgarritasuna eta morala ezbaian jarri dituzte. Bizirik diraute, baina nola sendatu epai publikoaren zauriak? Bortxatua izan ala hil. Hil ala susmopean bizi. Txikitatik jasotzen dugun abisu horri terrore sexuala deitu dio feminismoak. Nire amamak, Telecinco-ko albistegia piztuta, maiz esaten dit: "Azkenean ezin izango duzue etxetik bakarrik atera". Nerea Barjola ikerlariak gogoratzen du Alcassereko krimenen ondorioz neska belaunaldi oso batek auto-stop egiteari utzi ziola. Autodefentsa bidelagun, gure askatasuna defendatzeko diskurtsoa eta baliabideak garatzen eta konpartitzen ditugu feministok. Diskurtsoa argi daukat. Baina nire gorputzak hotzikara sentitzeko, izua onartzeko beharra dauka.
news
argia-ca787f12564c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/graziarik-ez-duen-herria-geurea.html
Graziarik ez duen herria, geurea
Jose Inazio Basterretxea
2018-01-28 00:00:00
Graziarik ez duen herria, geurea Batzuetan laidotua eta bestetan Gabriel laudatuak hauxe idatzi zuen orain berrogeita hamar bat urte: "Nire grazia Aresti da". Bilboko itsasadarrari so, poetak esan zuen bataioko grazia horixe zuela: Aresti. Beharbada, irakurri egingo zion Xenpelar errenteriarrari, hark honela kantatua baitzuen han eta hemen: "Mari Bentura dauka grazia", dama gazte bat identifikatzeko. Edo, Ayesta zeberioztarrari, hark bere buruaz ziharduela Auspoa liburutegiko ale zahar batean: "Lino Ayesta, nire grazian datua". Bataiarrikoa gogoan hartuta, "zelan deitzen zara?" itauna entzuten da egun. Baina, pertsonak eta gauzak ez dira deitzen. Deitu, izendatu, egiten ditugu. Ez da berezko deus inoren ezta ezeren izena. Guk emaniko zerbait da. Eta, zer garrantzitsua da konturatzea ez dela ekintza neutral eta aseptikoa inori edo ezeri izenaren berniza –grazia– ematea. Hona arduratzen nauena: nire ustea da gure herriak ez duela erabat asmatu bere grazia besterenganatzen; eta nago, etxean ere arazo bat baino gehiago duela bere graziekin, bere izenekin, bere izendapenekin. Gabonak pasa berri direla, bada unea aitortzeko ezen xanpaina eskatu geniola Penedèsko enpresa bati: etxera igortzeko sei botila. Eskatu genien botila denak katalanez etiketaturik bidaltzea, hala eskaintzen baitzuten euren webgunean. Egia esan, xanpaina eskatu genien –ardoa ez ezagutu arren– etiketa katalanera hutsez idatzita zeukatelako. Nire ustea da gure herriak ez duela erabat asmatu bere grazia besterenganatzen; eta nago, etxean ere arazo bat baino gehiago duela bere graziekin, bere izenekin, bere izendapenekin Igorri egin zizkiguten katalanek, igorri, euren mahats prentsatuak, katalanez etiketaturiko botila eder askoetan... Vizcaya delako paraje batera, baina. Esan genien halako lekurik ez zela gure artean aspaldi. Hartara, xanpaina fakturatzeko, arren, Bizkaia izendapena ofizialki onarturik daukan lurraldera. Ba, ez. Ezta erantzun ere. Leku-izenen zerrendetan 'uvea' baizik ez haiek... Azkenean, País Vasco delako batera igorri zizkiguten ardo apartsua eta ordainagiria. Gozoa-edo, ardoa. Ozpin askoa, faktura. "Kanpoztarrak, badakizu. Nahikoa egin dute", esan zidaten etxean. Nahikoa egin ote dute? Horra nire duda. Eta ez bakarra... Bizkaia, Euskal Herria... Nahikoa egin eta egiten ote dugu guk geuk geure grazia kanporatu eta munduratzeko? Zer egin, onar dadin geurea, geurera? Ez ote gaude aldra baten, lobby baten, beharrean euskaldunok, geurea besterenganatzeko: nola produktuak, hala izendapenak? Mailingak egiten dituzten enpresa eta erakunde horiek –bertokoek nahiz haragokoek– izan behar dute gure graziaren berri. Nahikoa ez bada ere, guk euskaldunok hor eragin ezik...
news
argia-e053e83e236d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/euskal-herrian-ere-ba-al-da-koskadarik.html
Euskal Herrian ere ba al da "koskadarik"?
Juan Mari Arregi
2018-01-28 00:00:00
Euskal Herrian ere ba al da "koskadarik"? Egunotan hiru gertaera judizialek bat egin dute "koskadekin" edo obra publikorako kontratatzen ziren enpresei kobratutako komisio ilegalekin zerikusia dutenak. Lehena, Gurtel auzia. Bigarrena, Kataluniako Palau auziko sententzia bat, zigortzen duena Covergència Democràtica de Catalunya izandakoa –orain PdCat– 6,6 milioi euro ordaintzera, obra publikoetan komisio ilegalak kobratu eta alderdia finantzatu zuelako. Bere lau arduradunen kontra zigor kartzela ere ezarri du epaiak.  Eta hirugarrena, EAJren inguruko 26 lagun –horien artean Alfredo de Miguel Arabako Tokiko Administrazio Saileko diputatu ohia– Gasteizen epaituak izaten ari dira De Miguel auzia dela-eta. Besteak beste, leporatzen diete 100.000 euroko komisioa kobratzea enpresa bati, kontratu publiko batzuk esleitzearen truke. Espainiako Estatuko ustelkeriaren izebergaren zati txiki bat ari da azaleratzen, eta zenbait lurraldetan agintean dauden alderdiei eragiten die batez ere. Euskal Herria salbuespena zela pentsatzen zen. Baina badirudi ez dela horrela. Nafarroan ezagutu genuen, besteak beste, Nafarroako Kutxari loturiko kasua. Eta orain, baskongadetan, De Miguel auzia dugu epaiketa-prozesu bete-betean. EAJ prozesaturik dauden pertsonengandik bereizi nahian dabil. Baina zaila da sinestea egozten dieten zenbait delitu soilik akusatuen ardura direnik. Onura pertsonala izan zen ala alderdiarentzat ere bai? ETA jardunean zenean, alderdi horiek "zerga iraultzailea" salatzen zuten eta estortsioa zela zioten. Orain, errealitateak pixkanaka baieztatzen digu enpresei beste zerga bat ere ezarri izan zaiela obra publikoko esleipenetan. Komisio edo omisio, gobernu eta alderdi estortsio-zaleak dira.
news
argia-2e84405e7563
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/ekimen-aitzindaria.html
Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari
Onintza Irureta Azkune
2018-01-28 00:00:00
Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari Lehenengo ehun erronkalariak otsailaren 3an hasiko dira. Gaztelaniaz dituzten harremanak euskarara ekartzen saiatuko dira. Hilero ehun pertsona gehitzea da helburua. Hala, 2018an 1.100 hernaniarrek hartuko dute parte aurrekaririk ez duen erronkan. Hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbat ekimen izan da Hernanin azken urteotan. Azken ekinaldia 2016koa izan zen. Donostiako Egia auzoko ekimenari jarraituz, sei astez astekako txandatan 1.800 pertsonak hartu zuten parte indar-proba deitutako egitasmoan. 2017a egoste garaia izan da. 2016koa bizi izan zuten batzuek burua astintzen segi dute, ekimen hark jarraipena behar zuela argi zuten. Hala, jauzi handia eman eta 2018rako urte osoko plana egin dute. Euskara Ari Du kultur elkarteak antolatutako Baietz Hernanik! ekimena otsailaren 3an hasiko da eta abenduaren 31n bukatuko da. Euskara Ari Du kultur elkarte sortu berrian hamar bat lagun elkartzen dira. 2017an bilerak egiten hasi eta urte osoko erronka prestatzea ez zen lehenengo bururatu zitzaien kontua, baina garbi zeukaten hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak iraunkorra izan behar zuela. Azkenean urtebeteko egitasmoarekin aurrera egitea erabaki zuten eta dardara sartu zitzaien asmoak hartu zuen dimentsioaz jabetuta. Prestaketa lanak pilatzen hasi ziren eta erabaki zuten lan boluntarioz soilik ezingo zutela aurrera egin. Udaleko Euskara Zerbitzura jo zuten laguntza eske eta Udalean aho batez erabaki zuten Euskara Ari Du elkarteari 40.000 euroko diru-laguntza ematea. Langilea kontratatu du elkarteak urte osorako. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere ekimena aurkeztu diete, diruz lagundu dezaten. Hernaniko hainbat enpresatan ere atea jo dute babes ekonomikoa lortzeko asmoz. Harreman ekonomiko horien ondorioz baliteke enpresaren batek lantokian bertan ekimena abian jartzea. Konpromisoa ez, erronka bai 2017an ekimenaren sustatzaileak elkartzen hasi zirenean ez zekiten urte osoko ideia erokeria ala egingarria zen. Beraiek erabaki beharrean, beste herritar batzuekin hitz egitea erabaki zuten eta 30 lagun hurbildu ziren. Haiek aurrera egiteko esan zieten, baina "ez dugu nahi konpromiso hitza erabiltzea, egokiagoa iruditzen zaigu erronka deitzea". Bigarren bilera ere egin zuten eta are jende gehiago joan zen. Haiek ere ontzat eman zuten ideia, nahiz eta batzuk ez hain baikor izan: "Uste duzue hain erraza dela ohiturak aldatzea?". Eragile taldean ari direnek badakite ez dela egun bateko lana hizkuntza ohiturak aldatzea, baina garbi zuten ezer ez egiteak gutxiago balioko zuela. Helburu nagusia ohiturak aldatzea da, baina Leire Otxotorena, Joxe Artola eta Axun Larbururekin egin dugun hizketaldian poliki-poliki beste helburu batzuk ere mahai gainera atera dira. Esate baterako helburua urte osoan aritzea da, ez 2016an bezala astebeteko erronkari heltzea. Urte osoan aritzeak ez du esan nahi erronkalari guztiak otsailetik abendura arituko direnik. Otsailerako ehun pertsona prest daude erronkarako. Asmoa da ehun horien laguntzaz edo bere kabuz hurbilduta martxorako beste ehunek izena ematea, eta horrela hilero-hilero. Batzuek ia urte osoan eutsiko diote aukeratutako erronka zehatzari eta beste batzuk, parte hartzen hasten diren hilabetearen arabera denbora gutxiagoz. Hilero, ebaluaketa gisa, hainbat galdera egingo dizkie erronkalariei Leire Otxotorena egitasmoko langileak: zer moduz ari diren moldatzen, zein zailtasun izan dituzten eta ea jarraitzeko asmoa duten. Erronka hilabetekoa baita, eta norberak erabakiko du segitu nahi duen ala ez. Erronka abanikoa zabala da; bikotekidearekin, lagunartean, familian, bizitzako eremu guztietan, ezezagunekin... egin daiteke euskaraz aritzeko ahalegina. Hernaniar bakoitzak aukeratuko du horietako erronka bat eta mantentzen saiatuko da. Erronkalariak bi eratakoak izango dira. Batzuk euskaraz ondo moldatzen dira eta euskaraz egin nahi dute. Besteek euskara ulertzen dute, baina ez dira hitz egiten moldatzen. Lehenengoek euskaraz norekin edo zein egoeratan egingo duten aukeratuko dute eta bigarrenek berari euskaraz egiteko eskatuko dute, esate baterako senideei, seme-alabei edo bezeroei. Egitasmoak hainbat helburu bete ditzakeela esan dugu. Beste xede bat da hernaniarra konturatzea euskaraz bizitzeko aukerak badituela. Datuek ondokoa diote: hernaniarren %80k euskara ulertzen du, %60k badaki hitz egiten eta %30ak erabiltzen du. Ekimenaren eragileek nahiko lukete ondoko helburua lortzea ere: euskara ulertzen dutenak konturatzea harreman asimetrikoak eman daitezkeela eta beraiek eskatu diezaieketela euskaldunei haiei euskaraz hitz egiteko. Erdaldunak ere gogoan dituzte, urrunagoko helburutzat dute, baina nahiko lukete haiek esatea: "Horiek ere ari dira bada zerbaitetan...", hau da, euskaldunen komunitatera gerturatzeko beharra sentitzea gustatuko litzaieke. Antolatzaileek uste dute euskarari eusten saiatzen direnak beste gauza batez ohartuko direla: "Batzuek diote euskaraz bizi direla, baina egiaz ezin gara euskaraz bizi egun osoz eta edozein tokitan, agian euskaraz bizi da egunerokoan baina beti ez du lortuko euskaraz egitea. Erronka honekin errazago jabetuko da egoera horretaz". Abenduaren 3aren jiran, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak antolatutako Euskaraldia egitasmoa izango da Euskal Herriko udalerri askotan. Galdetu diegu antolatzaileei ea nola ezkontzen den beraien egitasmoa bestearekin: "Euskaraldia eginda daukagu, 2016ko udazkenean egin genuen antzeko ariketa, aurreratuta goaz eta gure bidea segituko dugu". Umorez, gozatzeko asmoz, erronka gosez, heldu nahi diote hernaniarrek ekimenari, euskarak sarri duen zama eta neke kutsua alboratuta. Milatik gora lagun dantzan jarri nahi dituzte euskara mihian dutela.
news
argia-5f6739ab2a1b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/joxan-artze-nostalgiatik-harago.html
Joxan Artze nostalgiatik harago
Gorka Bereziartua Mitxelena
2018-01-28 00:00:00
Joxan Artze nostalgiatik harago Albistea urtarrilaren 12an iritsi zen erredakzioetara: "Joxan Artze hil da, euskal poesiaren berritzaile eta Ez Dok Amairuko kidea", titulatu zuen presaz hedabide honek edizio digitalean. Geroztik pieza periodistiko ugari argitaratu dira idazlearen ibilbideaz, hedabideek osatu dute Artzeri buruzko argazki orokorra. Kointzidentziak ez dira gutxi izan. Baina, zer geratu da kanpoan? Eta zergatik? Zenbaitentzat deserosoa izan daitekeen Artze bat ere badago, aho batez txalotu duten poetaren atzean. Hasi euskal kulturari garrantzia ematen dioten hedabideetatik eta bukatu Artze nor zen jakiteko Wikipediara jo behar izan duten kazetetaraino, poetari buruzko diskurtsoan nabarmendu da zer lan egin zuen 1960ko hamarkadatik aurrerako euskal kulturaren berpizkundean Ez Dok Amairuko kide gisa; edo nola aritu zen txalaparta berreskuratzeko eta duintzeko ekinean, Jesus anaiarekin batera. Eta nola ez: Txoria txori eta Gure bazterrak , Mikel Laboak kantatuta euskaldunentzat himno bilakatu ziren Artzeren hitzak. Baina badago Artze gehiagorik "kontakizun bateratu" horretatik harago, egunotan aipatu diren haren liburuetako batzuetan sartu-irten huts bat eginda konprobatu daitekeen moduan. Besterik da ur horietan murgilduta, guztiek txalotzen duten poeta ez ote den batzuentzat deseroso xamarra bihurtzen. Ez dira askorik aipatu, adibidez, langileek jasaten duten zapalkuntza eta alienazioaren inguruan Artzek bere lehenbiziko liburuetan idatzi zituen poema indartsuak. Garaiko abangoardien ildoan, poesia konkretua deitu izan zitzaionaren antzeko proposamenak zekartzan usurbildarraren estreinako argitalpenak, Isturitzetik Tolosan barru -k (1969, autoedizioa). Horietako bat zen lanalanalana gisa ezagun dena, zeinean makinaria industriala bezala agertzen den "lana" hitza, behin eta berriz errepikatua, tarteka "gizona" hitzak lekurik ba ote duen galdetuz –orduan oraindik "pertsona"-ren sinonimo gisa erabiltzen zen–, berriz ere makinaren monotoniak zanpatu aurretik. Artzeren aspektu horrek, beste ale batzuetan ere ageri denak, gaur egungo irakurle askoren bizi-esperientziarekin konektatu dezake. Orduko obreroari bezainbeste ari baitzaio gaurko langile prekarioari, Laino guztien azpitik (1973, autoedizioa) liburutik hartutako beste honetan ere: Gizona jana lana lanagatik jana makina janagatik makina nun da GIZONA ? lepazamarretik heldu genion gizatasunari eta mundura, nola hegoak zabaldu genituen leihoak Kapitalismo industrialak eskaintzen zituen garapen eta ongizate promesen ifrentzua irakur daiteke lehen liburu haietan. Jon Kortazar literatur kritikariak duela hogei urte Lapurdum aldizkarian publikatutako artikulu batean esplikatzen zuenez, lanak deshumanizatu egiten gaituela azpimarratzen du. Baina lantokitik kanpoko alienazioaz ere ari da, besteak beste kontsumismoa jo-puntuan jarriz; edo burgesiari sarkasmoz begiratuz –"gure kale kantoiko / bitxidun / atso lepo zuriak / hala zion: / «eskaleen beharra dago munduan, / bestela / norengan egingo genduke karitatea?»"–; edo fabriketako kutsadurak naturari eragindako hondamena seinalatuz. Eta ez abstraktuki: Artze etxe ondokoaz ari da, Oria ibaiaz, Isturitzetik Tolosan barru -n. ORIA odola herri baten odol usteldua; hor zoazi zorne maindireaz estalirik beldurraren kiratsa dariozula Kortazarrek esplikatzen duen moduan, "Oria ibaia Artzeren poemetan ez da soilik izadi erabili eta lohitua, herri osoak sufritzen duen menpekotasunaren sinbolo ere bada neurri handi batean ibaia". Erretratua osatzeko enkoadre bila Artze hil ondorengo kontakizun mediatikoan bigarren planoan geratu da, asko jota, poetaren alderdi hori. 1960ko hamarkadan hasi ziren beste sortzaile batzuekin bezala, zati bat baino ez da hartu oraingoan ere, gaur egungo agintearen markoan kabitzeko isolatu behar dena hain zuzen: aitona xume eta sinpatiko bat, txoriei buruz idazten zuena, gure bazter ederrez; tradizioaren eta modernitatearen artean kokatutako norbait, egun egiten diren zenbait ikuskizun neo-folkloristen ildoko poesia egin izan balu bezala. Gauza polit eta kaltegabeak idazten zituen Artze bat, apenas problemarik planteatzen duen obra, edukiz hustuta presentatzen zaigulako. Ahazten da sortzailea uneoro inguratu zuen klima soziala; ez da aipatzen nola puskatu zuen edukiz eta formaz euskal poeta batengandik espero zitekeenarekin. Hari buruzko diskurtsoa osatzen da bertsio murriztu bat erabiliz, gaur egungo tentsio sozialekin eta kulturgintza aurreratuenarekin loturarik egiteko aukerarik utzi gabe. Artzeren garaiari eta obrari buruzko irakurketa nostalgikoak besterik ezin dira atera hortik, publikoa hondoratzen dutenak itxita dagoen mitologia kolektibo batean. Ez Dok Amairuri buruz hitz egitean behin baino gehiagotan errepikatu den operazioa da: talde horretako kideek utzitakoaren alderdi "zintzoa" bakarrik sartzen da garaiari egiten zaion argazkian. Gaur egun oraindik deserosoak izan daitezkeenak bazterrean geratzen dira. Nork hitz egiten du, adibidez, artistek duintasun ekonomiko minimo bat lortzeko egin zuten eskariaz "Gure jokabidearen berri" izeneko testuan? Geroztik egin diren kultur politiketan guztiz konpondu gabe geratu diren auziak direlako izango da, beharbada?  Baina horrelako kontuak izan behar lirateke, beharbada, 50 urte atzera begiratzean azpimarratu beharko liratekeenak, sortzaileek ez dutelako ibilbidea hutsaren gainean egiten, bizitzea egokitu zaien testuinguruarekin dialektikan baizik. Tentsio horretan, Artzek eta konpainiak marraztu zuten izan zitekeen Euskal Herri bat, existitzen ez zen zerbait, eta jendaurrera eraman, posiblearen mugak zabalduz. Laino guztien azpitik -en berak esan zuen egokien: Gure borroka denbora eta lur honetako da. Geuk egin beharrekoa geuk ez ezik beste inork egin ez lezakeena.
news
argia-8923fbf36049
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/iruneko-alde-zaharrean-dauden-kamera-finko-guztiak-mapa-batean-kokatu-ditu-blogari-batek.html
Iru�eko Alde Zaharrean dauden kamera finko guztiak mapa batean kokatu ditu blogari batek
Ahotsa.info
2018-01-17 00:00:00
Iru�eko Alde Zaharrean dauden kamera finko guztiak mapa batean kokatu ditu blogari batek Alberto Matxain Alde Zaharreko bizilagunak ehundik gora kamera zenbatu ditu eta Google Maps-en kokatu ditu guztiak. Gutxienez begi bistan daudenak. Ekimen honekin kamera hauen inguruko eztabaida piztu nahi izan du. Goian ikusten duzuna, Iruñeko Alde Zaharreko mapa da, eta puntu bakoitza kalean begi bistan dagoen kamera bat da. Alberto Matxain Iruñeko blogari eta ezker abertzaleko militanteak egindako mapa da, eta bere Kontraesana webgunean argitaratu du . Matxainek egin duen kontaketan ehundik gora kamera agertzen dira, 11.000 biztanlera iristen ez den auzo batean. Eta norenak dira kamera horiek? Udalarenak eta Nafarroako Gobernuarenak, baina badira pribatuak direnak ere: hotelak, dendak, bakuetxeak, tabernak... kamerak non-nahi eta kalean gertatzen den guztia grabatzen, 24 orduz, urteko 365 egunetan. Hauek ez dute atsedenik hartzen. Azken hamahiruak, Iruñeko Udalak jarri zituen auzoan trafikoa murrizteko planaren baitan, kotxeen sarrera-irteerak kontrolatzeko. "Alde Zaharrean bizi naiz eta Alde Zaharrean egiten dut lan. Etxetik lanera sei minutu ditut, eta zazpi kameraren aurretik pasatzen naiz. Monitorizatuta bizi naiz", dio Matxainek, eta "zu ere bai" aipatzen du bere blogaren artikuluan. Izan ere, Nafarroako Gobernuak 1.041 kamera ditu Nafarroan barreiatuta, haietako 495 Iruñean. Iruñeko Udalak 200 baino gehiago ditu, Diario de Navarra k abenduaren 9an argitaratutakoaren arabera. Kamera pribatuak ehunka dira. Eta hori ez da soilik "fenomeno nafarra", ezta gutxiago ere. Euskal Herriko hiri eta herri handietan errepikatu egiten den fenomeno bat da, noski. Kontrol soziala eta eskuinaren eredua Baina zergatik daude hainbeste kamera 11.000 biztanle biltzen dituen auzo batean? Azalpen bat hau izan daiteke: eraikin publiko ugari dagoela Alde Zaharrean. Udaletxea, Nafarroako Artxibategia, Nafarroako Museoa, Hezkuntza Saila, Hizkuntz Politika Saila, Hizkuntz Eskola, Liburutegi Publikoa… gehienek kamerak dituzte perimetroa inguratzen. Haietako batzuk elkarren ondoan daude eta kale berean kamerak pilatu egiten dira, Santo Domingoko jaitsieran bezala. Ezin da ahaztu ere Iruñeko erdiguneak beste edozein auzok baino jende gehiago biltzen duela, erosketak, poteoa, edo asteburuko parrandak direla-eta. Eta Sanferminen bihotza ere badela, eta Alberto Matxainek bere artikuluan gogoratzen duen bezala, kamerak determinanteak izan omen ziren "La manada" delakoa atxilotzeko garaian, Madrilgo neska bat sexualki erasotzeagatik. Baina kamera hauen jatorria eraso sexualak ekiditea ez zela izan argi dago. Iruñea, duela gutxi arte, UPNren agindupean izan da, eta kontrol sozial zorrotza ezarri zuen alderdi erregionalistak herri mugimendua jazartzeko eta disidentziarekin bukatzeko. "Gaia konplexua da", onartzen du Matxainek, eta erpin asko dituela azpimarratzen du. Horrexagatik ez du uste proposamen sinplistek eztabaida aberastuko dutenik. "Alde Zaharreko ehundapiko kamerak segurtasun eredu baten eta eredu sozioekonomiko baten adierazpena dira: eskuinaren eredua, desberdintasun sozialen eta kontrol sozialaren eredua. Eta eredu horri ez diogu legegintzaldi bakar batean buelta emango, ezta soilik instituzioetatik ere, baina ezta tabernako kritikatik edota planteamendu utopikoetatik ere", nabarmendu du egindako lan honekin. Instituzioen ardura badela argi du blogariak, baina bereziki, eta eztabaidari hasiera emateko, Matxainek auzokideen teilatuan ikusten du pilota. "Auzokideen sektore garrantzitsu batek ez badu beharra ikusten, ez diogu buelta emango" egoera honi, eta egunero, bere etxetik lanera joaten denean, gutxienez zazpi aldiz agurtu beharko dio objektiboari. Albiste hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
news
argia-06800f118daf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/etxaldeko-emakumeen-auzolana-pikunieta-baserrian.html
Etxaldeko emakumeen auzolana Pikunieta baserrian
Garazi Zabaleta
2018-01-28 00:00:00
Etxaldeko emakumeen auzolana Pikunieta baserrian Elikadura burujabetzaren eta nekazaritza iraunkorraren bidean lanean diharduen dinamika da Etxalde mugimendua. Duela zenbait urte, mugimenduko emakumeek taldea osatu zuten emakume baserritarren problematikari erantzuna emateko eta baserritarren borrokaren eta feminismoaren arteko aliantzak sortzeko. Udazkenean antolatu zuten Etxaldeko emakumeen lehen auzolana, eta orain, berriz, negukoaren garaia iritsi da: urtarrilaren 27an eginen dute Bergarako Pikunieta baserrian. Baserria feministatzen, feminismoa baserritartzen Esti Redondo Etxaldeko emakumeetako partaideak azaldu duenez, taldearen helburuak mugimendu feministaren barruan elikadura burujabetzaren aldeko borroka txertatzea eta baserritarren mugimendua feministago egitea dira, besteren artean: "Gure egitasmoen artean zegoen auzolanak egitea, iruditzen baitzaigu auzolanak modu polita direla herri eta hirietako feministak eta baserritar feministak espazio berean elkartzeko". Hiri-herri eta baserriaren arteko zubigintza horretan, elkarren berri izateko ez ezik batzuen zein besteen lanaren aitortza egiteko ere balio dute auzolanek, baita zonalde berrietara iritsi eta baserrigintzan dabiltzan beste emakume eta egoerak ezagutzeko ere. Botere asimetriei buelta emanen dieten espazioak sortzea da asmoa. Udazkeneko auzolanean Zeberioko (Bizkaia) Basortu proiektuan aritu baziren sagar biltzen, neguko honetan Antzuolara (Gipuzkoa) mugituko dira artzain bati laguntzera. Artzainen errealitatea ezagutuz Pikunieta baserriko Josebe Blanco artzainari bere korta margotzen lagunduko diote auzolanean, urtarrilaren 27an. Artzaintzan diharduten emakumeen errealitatera hurbiltzeko aukera izanen dute, beraz, gerturatzen direnek. Ondoren, elkarrekin bazkaria eginen dute. "Udazkeneko auzolanean 15 emakume inguru elkartu ginen, Zeberio inguruko baserritarrak eta Bilboaldetik hurbildu ziren feministak. Egun polita izan zen, sagar asko bildu genuen goizean, eta gero denak zuhaizpean bazkaldu genuen, jaten eta hizketan, leku batean eta bestean zertan ari ginen kontatzen…". Parte-hartzaileek balorazio oso positiboa egin zuten, eta horregatik erabaki zuten dinamikarekin aurrera jarraitzea. Urtaro bakoitzeko, auzolan bat.
news
argia-5eb70a668cbd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/montpellierren-erakutsi-dute.html
Erraustegi berriak ere kantzerra ugaritzen du
Pello Zubiria Kamino
2018-01-28 00:00:00
Erraustegi berriak ere kantzerra ugaritzen du Baina egia al da hondakinak errausteak jendea hil dezakeela? Eztabaida berotzen ari da berriro Frantzian. 2017ko abenduan epaitu dituzte Vaux-le-Penileko erraustegi zaharraren arduradunak, inguruko herritarrak dioxina eta bestelakoz kutsatu izanagatik. Baina puntako azken teknologiak dauzkatenak ere auzitan daude, Montpellierreko ikerketa epidemiologiko batek erakutsi duenez. ARGIA bertan izan da galdezka. "Kantzer kasu gehiago Lunel-Viel eko erraustegiaren inguruan" ( Surincidences de cancers autour de l'incinérateur de Lunel-Viel ) titulatu zuen Midi-Libre egunkariak 2016ko urriaren 13an. Sud-Ouest taldekoa, Midi-Libre esatea Montpellier inguruan Diario Vasco edo Correo esatea da. Prisca Borrellek sinatutako kronikak zioen: "Herault departamenduko tumoreen erregistroaz azken azterketa ezagutu da. Ez da Ocréal erraustegiarekiko zuzeneko loturarik demostratu baina patologiak hor daude eta ondorioak kezkagarriak dira. […] Bai, minbizi kasuen ugaritzea izugarria da eskualdean, baina ez dago frogatuta erraustegiagatik denik". Irakurleak gatazka kokatzeko: Donostiatik 580 kilometrora –bost ordu eta erdira kotxez joanda, Marseillara bidean– Herault departamenduan Montpellier hiriak 280.000 biztanle dauzka, metropoliak 590.000 biztanle biltzen ditu. Hondakinak kudeatzeko dauzka, azpiegitura gehiagoz gain, Ametyst TMB planta eta hiriburutik 15 kilometrora Lunel-Viel herriko erraustegia. Bion inguruan dago eztabaida, baina iritzi publikoa bereziki kezkatu duena erraustegia da. Francis Glemet: "Erraustegiei ezartzen zaizkien kutsadura mugak zaharkituta eta motz geratu dira, ez dituzte biltzen azken hiru hamarkadatan zientziak ikasi duena ez disruptore endokrinoen mekanikaz, ez kutsagai askoren pilaketaren eraginez". INVS Frantziako Osasun Publikoaren Institutuak eskatuta burutua zen hautsak harrotu dituen dossierra: " Herault departamenduko tumoreen erregistroa: etxeetako zaborrentzako Lunel-Viel udalerrian dagoen erraustegiaren gune geografikoko kantzerretan zentratutako azterketa deskriptiboa ". 2010ean martxan jarri eta geroztik berrikuntza ugari gehitu dioten erraustegiaren ingurua aztertu zuten lau eremutan: fabrikatik 5 kilometro arteko ingurunea, 5etik 10 kilometro artekoa, 10etik 15 kilometro artekoa eta haizeen joera nagusiek eragindako eremua. Midi-Libre k tentu handiz "erraustegiarekiko zuzeneko loturarik demostratu" ez zela esan arren, agintariak behartuta aurkitu ziren eskualdeko Osasun Agentziari berri ematera, eta honek Lunel-Vieleko erraustegiaren jarraipen batzordearen bilera deitu zuen 2017ko apirilaren 24an , tumoreen erregistroak aurkitutakoa aztertzeko, alegia, erraustegitik 5 eta 15 kilometro arteko eremuan ageri dela zenbait tumoreren ugaritze nabarmena: Ez-Hodgkin linfomak, ehun bigunetako sarkomak, leuzemiak… Agintariek bildutako batzordean dago AMIES Ingurumenaren eta Osasunaren aldeko Medikuen Elkartea ere, aspalditik ikertu eta salatzen dituena Luneleko erraustegiaren arriskuak. Francis Glemet farmazian doktorea da AMIESen bozeramailea, eta Frantziako Gobernuaren solaskideetako bat den CNMSE Osasuna eta Ingurumenaren aldeko Medikuen Koordinakunde Nazionalaren bozeramaile ere bada. Glemetek ARGIA errezibitu du bere etxean, berretsi dizkigu hainbat elkarrizketa eta hitzalditan esandakoak, eta Lunel-Vieleko Ocreal erraustegiraino eraman gaitu. Han bertan adierazi duenez – bideoz bilduta daude Glemeten hitzak –, kutsadura Europak ezarritako mailaraino mugatzeko aurrerapen guztiak dauzka… eta hala ere alarmak piztu ditu. Herault departamenduak deitu zuenean, iazko udaberrian, erraustegiaren jarraipen batzordea, AMIESek bi aditu independente ezagun eraman zituen beren lekukotasuna eskaintzera: Charles Sultan pediatra endokrinologoa eta Mariette Gerber Montpellierreko Kantzer Institutuko ikertzailea. "Sultan doktoreak esan zuen –kontatu du Glemetek– ez bada zerbait azkar egiten, hondakinen kudeaketan bestelako metodoetara aldatu ezean, osasun alorreko hondamendira goazela, diruz eta jendearen osasunez garesti aterako zaigun katastrofera, dioxinak eta horien hurbileko kutsagarriak disruptore endokrinoak direlako". Adituek, gainera, nabarmendu zuten minbizien erregistroaren jarraipena ez dela gaiaren zati bat baizik, bai minbiziei dagokienez eta zer esanik ez errausketak eragin ditzakeen beste hainbat eritasunez, esaterako haurrek jaiotzean dakartzaten uretrako malformazioak , "hauen arriskua 3 bider handiagoa baita erraustegien inguruetan gainerako lekuetan baino". Sultanek dioenez, arazo larrienak behar bada ez dira ikusiko ondorengo hamar-hamabost urteetan, "baizik eta bi edo hiru belaunaldi beranduago, Distilbenoarekin gertatzen ari den moduan ". Distilbenoa (Diethylstilbestrol) hormona sintetiko bat da, 1940tik 1970era artean AEBetan eta Europako zenbait herrialde aurreratutan –horregatik ez garai hartan Hego Euskal Herrian– emakume askori haurdunaldian eman zitzaiena ustez abortu arriskuak saihesteko; 1971n galarazi zuten kalteak hartu zuen amari ez baina alabei eta bilobei eragiten dizkien botika kaltegarri hau. Sultanen aburuz, erraustegiei ezartzen zaizkien kutsadura mugak –labeek isuritako bi mila pozoietatik lau dozena baino ez kontrolatzeaz gain– zaharkituta eta motz geratu dira, ez dituzte biltzen azken hiru hamarkadatan zientziak ikasi duena ez disruptore endokrinoen mekanikaz, ez kutsagai askoren pilaketaren eraginez. Mariette Gerber: "2003ko ikerketa hartan demostratu genuen kantzerrik ugarienak ez direla gertatzen justu dioxina pilak handienak diren eremuetan. Disruptore endokrinoek ezaugarri hori dute, dosi ertain eta ahulagoetan eraginkorragoak izatea" Erraustegi zaharretan eta berrietan, kantzer mota berak AMIES elkarteak aurkeztu duen bigarren aditua Mariette Gerber doktorea da. Narbonan mintzatu da ARGIArekin. Gerber ezaguna da erraustegiek osasunean dauzkaten eraginez interesatzen diren medikuen artean: Montpellierreko Kantzer Institutuarentzako 2003an egindako ikerlan ezagun batean erakutsia zuen errausketaren eta emakumeen bularreko minbizia gehitzearen arteko lotura, zehazki Sète eta Perpinyàko erraustegien inguruan , Montpellierretik hurbil. Aurreko belaunaldiko erraustegiak zeuden haietan, 1972 eta 1990 artean eraikitakoak, eta haien inguruan ugaritzen ziren mielomak, Ez-Hodgkin linfomak, bularreko eta biriketako minbiziak. Lunel-Vieleko erraustegi modernoagoaren inguruan antzeko argazkia osatzen ikusteak, gaixotasun berdintsuekin, atentzioa deitu zion Gerber doktoreari. Bi kasuetan, gainera, erraustegi zaharretan bezala berrietan, bularreko minbiziaren kasuan paradoxa bera aurkitu dute ikerketek: erraustegitik 5 kilometro baino gutxiagoko eremuan minbiziak ez dira ugaritzen eta bai, aldiz, 5 eta 15 kilometro artean. "2003ko ikerketa hartan demostratu genuen kantzerrik ugarienak ez direla gertatzen justu dioxina pilak handienak diren eremuetan. Disruptore endokrinoek ezaugarri hori dute, dosi ertain eta ahulagoetan eraginkorragoak izatea. Dosi handiagoetan giza gorputzaren errezeptoreak blokatzen dituzte, hala frogatu zen Sevesoko istripu larri hartan ere". Glemer doktoreak ohartarazi du kantzerren benetako errealitatea gordinagoa dela agintariek erakutsi duten Errejistroak biltzen duena baino. Analisi epidemiologikoa desitxuratzen du erraustegia martxan jarri ondorengo lehenengo urteak kontatu izanak: kutsagarrien ondorioak 10 edo 15 urte beranduago azaltzen direla jakinda, 2000n hasitako arazo baten kalteak 2005etik aurrera hasiko dira agertzen, askoz beranduagora arte jarraitzeko. Horregatik, dio Glemerrek, minbizien ugaritze errealak datu horietakoa baino handiagoa izan behar du errealitatean. Glemerrek bere lekukotasunean argudiatu zuenez, agintariek Lunel-Vieleko aferan bi aukera dauzkate. Edo ikerketa berriak egiten dituzte, baina hori diru asko kostatuko da eta denbora pasako da bien bitartean. Edota prekauzio printzipioa aplikatu behar dute eta erraustea eten. Charles Sultan: ""Kalteek gutxienez bi-hiru belaunaldiz iraun dezakete eta gizonezko antzuak sortzen ari gara, hau bonba bat da" Jaiotzerakoan malformazioak Minbizia ez da, ordea, hondakin erreketak eragiten duen kezka bakarra. Charles Sultan Montpellierreko Ospitale Unibertsitarioan endokrinologia pediatriko saileko arduraduna da eta 2015ean bera buru duen ikerketa taldeak haurrek kutsaduragatik jaiotzean ekar ditzaketen malformazioen azterlan bat argitaratu zuen European Urology aldizkarian. Zehazki, aztertu dituzte hipospadias izeneko malformazioa dakarten mutikoak: zakila gaizki formatua ekartzeaz gain, pixa egiteko zuloa ere ez dakarte behar den lekuan. Sultanen ekipoak erakutsi duenez, hipospadias kopuruak ohikoen dobleak dira erraustegien 5 eta 10 kilometro arteko eremuetan. Hainbat elkarrizketa, idatzi eta hitzalditan Sultanek ohartarazi du pestizida, kosmetiko eta bestelako kutsagarri endokrinoen arriskuez: "Gure zerbitzuan ez da inoiz gaur adinako mikro-pene kopururik ikusi mutiko jaioberrietan". Paraleloan, neskatoetan ugaritzen dira hileko eta bularren hazte goiztiarrak eta hormona sistemaren nahasteak eragindako beste arazo asko. "Kalteek gutxienez bi-hiru belaunaldiz iraun dezakete eta gizon antzuak sortzen ari gara, hau bonba bat da", dio Sultanek. Gaixotasun gehiagorekiko loturak azalduko direla ziur dago: "Dioxinek eraginik handienak dauzkate gaixotasun endokrinoetan, tiroidea, diabetea, obario eta testikuluen malformazioak… Gaur badakigu dioxinek kalteak eragiten dizkiotela ugalkortasunari, baina hau ez da icebergaren puntta baizik". Lunel-Vieleko erraustegiaren historia gatazkatsua Lunel-Vieleko Ocréal errauste planta 1999an jarri zuen abian Entre Pic et Etang eskualdeko herri elkargoak. Bere bi labeen artean urtean 120.000 tona zabor nahasi kiskaltzeko dago prestatua. Suez Environment multinazionalaren adarra den SITA (lehen Novergie) korporazioak kudeatzen du. Suez-SITA k erraustegiak mundu osoan dauzka eta bereziki indartsua da bere sorterrian, Frantzian, milioika biztanleren milioika tona zabor bildu eta kiskaliz. Suez esatea da munduko zerbitzu publikoen kontratetan liderretakoa den multinazionala izendatzea: 15.200 milioi euroko sarrerak 2016an, 623 milioiko irabazi garbiak, 82.300 langile… "Kantzer kasu gehiago Lunel-Veieleko erraustegiaren inguruan" izenburua eman zion 'Midi-Libre' egunkariak. Beste erraustegi askorena bezala, Lunel-Vielekoaren historia ere gorabehera eta gatazkaz betea dago. 1995ean agintariak eskualdeko proiektua diseinatzen hasi zirenetik, ugariak izan ziren herritarren mobilizazioak haren kontra. Gorabehera askoren ondotik 1999an martxan jarrita, 2005ean prefetak geldiarazi zuen araututakoa baino dioxina gehiago isurtzeagatik; hiru hilabetez eduki zuten zerratua. Tartean obra garestitu ere egina zen: hasieran aurrekontuan kalkulatutako 39 milioiak denborarekin 80 milioitara iritsi ziren, Berdeak eta beste zenbait taldek salatu zutenez. Berriro martxan jartzeko baimena lorturik, 2007an anulatu zuten epaileek. Heraulteko prefetak hilabete behar izan zuen behin-behineko baimen berria emateko. Hainbat elkartek auzitara jota, azkenean Estatu Kontseiluak 2011n erabaki zuen prefetak emandako baimen guztiak legearen kontrakoak zirela , ingurumenari egindako kalteen ebaluazio txukunik ez zeukatelako. Parisko epaile gorenek eta Estatu Kontseiluak hautemandako bestelako okerrak zuzentzeko inbertsio berriak egin zituzten erraustegian, beti ere haren jabe den Entre Pic et Etang mankomunitateak pagatuta, herritarrek beren zergaz alegia. 2011n Laurent Radisson kazetariak Actu-Environement kazetan idatzi zuenez, "1995eko hasierako kontratua sei aldiz aldatu zuten 1997 eta 2000 artean, ondoren beste lau aldiz gehiago 2003 eta 2007 artean". Hala eta guztiz ere, 2012an prefetak berriro eman zion baimena Suez-SITAren plantari. Lobbyen presioa eta polizien errepresioa 2016ko udazkenean zabaldu zuen prentsak departamenduko kantzer erregistroak aurkitutakoen berri eta, hasieran esan dugunez, 2017ko udaberrian deitu zuten agintariek erraustegiaren jarraipen batzordea. Baina eztabaidak beste jauzi bat egin du azaroaren 19an, jarraipen batzordea berriro bildu denean. Tarte horretan zerbait gertatu da, zeren eta osasun agintariek erabaki dute udaberrian zenbait tumoreren ugaritzea ikusten zen ikerketan orain ez dela ezer nabarmenik ageri. Bertan behera utzi dituzte ikerketa gehiago egin eta erraustegiaren inguruko udal agintari eta herritarrekin informazioa partekatu eta elkarrizketa saio bat irekitzeko planak. Zer dela eta? 2019an agintariei dagokie erabakitzea erraustegiaren kontrata berritzea eta industrialek bezala administrazioak ondo lotu nahi dute kontua, hondakinak errausteko baimena 2030era arte iristen delako. Europa osoan bultzaka ari dira kontrata publikoen eta errausketaren lobbyak eta erabakiak hartzeko unea iritsitakoan, Parisko gobernuaren ordezkari boteretsuak diren prefetek gogor egiten dute. 2017an presio handiak jasan dituzte Lunel-Vieleko labeak auzitan jartzen dituzten aditu eta medikuek. AMIESeko bozeramaile Francis Glemetek ARGIAri aitortu dio berari berriki gertatutako hau. Lunel-Vieleko udalarekin elkarlanean mahai-inguru bat antolatu dutenean adituen iritziak entzuteko, poliziaren RG Informazio Brigadaren deia jaso zuen etxean, bileraren xehetasunez galdezka, ea "bazterrak nahasteko asmoa zuten" galdezka. Frantzian inork ez du bromatan hartzen Renseignements Généraux-en dei bat. Medikuak ez dira isildu: "Zer egin behar dugu kalteen datuak agertzen hasi direnean, 10 urtez gehiago jarraitu jendeak kutsatzen?" galdetzen du Glemetek. "Eskualdeko agintariei aipatzen diegu badaudela hondakinak bestela kudeatzeko moduak, begiratzeko San Franciscoko Zero Zabor ereduari… baina erantzun digute 'haiek haiek dira, eta gu gu gara'". AMIESeko medikuek prekauzio pintzipioa aplikatzea eskatzen dute eta Lunel-Vieleko erraustegia berehala itzaltzea.
news
argia-f350f5dc606b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/juan-luis-larraza-nafarroako-ikastolen-elkarteko-zuzendari-ohia.html
"Ikastolak bere bideari eutsi behar dio Nafarroan, eta ahal dela berriak sortu"
Miel Anjel Elustondo
2018-01-28 00:00:00
"Ikastolak bere bideari eutsi behar dio Nafarroan, eta ahal dela berriak sortu" Urte giltzarrietan Nafarroako Ikastolen Elkartearen zuzendari jardun zuen eta aldian aldiko batzordearen aginduei jarraiki gidatu zuen nafar ikastolen norabidea. Lan nekea beti, esker gaiztokoa maiz kara. Hamalau urte egin zituen lanean, uztea erabaki zuen arte. Kontatu berri du Bidea eginez liburu autoeditatuan. Ezinbestean, bere egia kontatuko bazuen. Bidea eginez duzu liburua, 1969tik 1991ra bitartean Nafarroako Ikastolen ibilia kontatzen duena. 1991n utzi nuen Nafarroako Ikastolen Elkartea, bertako zuzendari nintzelarik. Ez nuen, dena den, lana besterik gabe utzi, bestek behartuta hartu nuen erabakia, gogorra izan zen, eta harrezkero neure baitara bildu, itxi, eta aldi batean ez nuen ikastolen gainean ezer jakin nahi izan. Elkartea utzi eta hiru urtera Zangozako ikastolan hasi nintzen, baina irakasle, zuzendaritza ardurarik batere gabe. Urte askoan harra ibili dut barruan, hortxe, harik eta orain, hogeita bost urte eta gero, harra kanporatu dudan arte. Bestalde, Nafarroako ikastolei buruzko zenbait lan argitaratu dira –Irene Lopezen doktore tesia edo Ikastolen Elkartearen Ametsa Egia, adibidez–, eta haietan parte ere hartu dut. Nire ustez, ordea, nik esandakoak ez dira behar bezala jaso lan horietan –guraizeak erabili dituzte–, eta neure bertsioa egin behar izan dut. Zein da, beraz, zure bertsioa? Uste dut mundu honetan errazegi goraipatzen ditugula izen batzuk, eta ahazten eta baztertzen, berriz, beste batzuk; lanean fin jardundako jende asko eta asko, esan nahi dut. Horixe gertatzen da herri txikietako kasuetan, inon ez baitira aipatzen. Nire nahia zen ikastola guztien historia biltzea, ikastolak abiarazteko lanean ibilitako pertsonen izenak jasotzea, kontu eta istorio bereziak ere idaztea. Garai zailean saiatu ziren guraso, irakasle eta laguntzaileak goratu nahi nituen, euskal herrietan Espainiako Ministerioaren ekimenari kontra egin ziotenak. Zer da Espainiako Ministerioaren ekimen hori? Euskal herri txiki askotan haurrek euskaraz besterik ez zekiten. 6 urteko eskola adinera iritsi eta ez zekiten gaztelaniaz. Eta orduko maisu-maistrak kexu ziren. Espainiako Ministerioak, orduan, haur eskola modukoak sortu zituen euskal herri horietan, haurrek 6 urte bete baino lehen gaztelaniaz ikas zezaten. Sunbillan, Leitzan eta bestetan ireki ziren haur eskola horiek. Hori iraultzen saiatu zirenak goratu nahi nituen nik liburu honetan, eta horiekin batera, erdal herrietan euskararen alde saiatu zirenak, hainbat mespretxu jaso baitzuten garai batean. Batzuen eta besteen bizi-esperientzia azaldu nahi nuen, eta haien guztien ahalegina eskertu. Desagertutako ikastola txiki askoren berri ematea zen nire asmoa, bizirik dauden ikastolak ere aipatuz, jakina. Ez genukeen berehalakoan jakingo zenbait herri txikitan ikastolarik izan zela. Orain dela 40 urteko agenda eta oharrak gordeak nituen, paperak gordetzeko zaletasuna aspaldikoa baitut. Hartu agenda, bilatu halako herriko halako pertsonaren telefonoa, dei egin eta: "Aspaldi hil zen". Kasu batzuetan, orduko nire kontaktuak hilak dira, edo oso gaixorik daude. Inoiz, delako herrian ikastola izan zela esan eta ukatu egin didate. "Nola ez dela zuen herrian ikastolarik izan, ni hor izaten nintzen eta. Ikastola izan da hemen. Halako eta halako nituen interlokutore". "A, hilak dira horiek, zuk esaten duzun ikastolaren konturik nik ez dakit". Alde horretatik nekeza izan da ikastola askoren haria bilatzea, eta hari hartatik tiratzea. Argazkia: Zaldi Ero. Herri txikien garrantzia azpimarratu nahi duzu. Sekulako garrantzia izan dutelako Nafarroako hezkuntza sistema euskalduntzeko prozesuan. 80ko hamarkadaren erdialdera jaiotze-tasak behea jo zuen Nafarroan, eta bertako herri txikietan ez zen aski haurrik ikastola osatzeko. Dirurik ere ez zen, jakina. Eta ikastola haien lokalak ere halamoduzkoak ziren. Herri txikiotan zerbait egin beharra zegoen, urrats batzuk egin. Euskal herri handietan, bestalde, maisu-maistren belaunaldia berritu egin zen: irakasle zaharrak erretiratu ziren, eta berriek bestelako espiritua ekarri zuten. Horri esker, ikastolak eta eskolak bat egin zuten, eta irakaskuntza euskara hutsean bideratu. Nafarroako Ikastolen Elkarteak laguntza eskaini zuen, beti, gisako proiektuak lagundu behar zirenean, Lontxo Oihartzabalek eta Mikel Lasak emandako aholkuak gogoan. Aldi berean, Espainiako Ministerioa ireki xamar jokatzen ari zen, eta bertako ikuskari Rafael Guimerak ikastolak eta eskolak bateratzeko erraztasunak eman zituen, ikastetxe horietan D eredua sortuko zela ziurtatuz. Ikastolaren batean traumatikoa izan zen bateratzea –Leitzan, kasurako–, baina gehienetan arazorik ez zen izan. Ikastolak publikoa behar zuen, ala pribatua, eztabaida beroa izan zen. Eztabaida antzua, nire ustez, ikastola mugimenduari eta, oro har, euskararen irakaskuntzari sekulako kaltea egin ziona. Iruñean, adibidez, udal ikastola sortu zen, titularitate publikokoa, nahiz eta gainerako ikastola publikoen modura funtzionatzen zuen. Hala ere, eskola transferitua baino askoz gauza publikoagoa iruditzen zait guraso kooperatiba batek bultzatutako ikastola. Publikotasuna esaten zen, baina doakotasuna esan nahi zen, eta horrek eztabaida handia eragin zuen ikastoletan. Gainera, publiko izateko bokazioa zuten ikastola bat baino gehiagok ateak itxi behar izan zituen, eta Iruñeko Herri Ikastola da lekuko. Diruaren zuloak jan zuen. Berdin gertatu zitzaion Hiruherriri ere, alegia, Burlata, Atarrabia eta Huarteko udal aurrerakoiek sortutako ikastolak ezin izan zuen iraun, udaletan eskuineko indarrak nagusitu zirenean. Proiektua finantzatzeko dirurik gabe geratu ziren eta itxi behar izan zuten ikastola. Publiko ala pribatu, alferrikako eztabaida izan zen, nire ustez. Zer gertatu zen 1991n? "Urriaren 8an, hamalau urtez berak sortutako Nafarroako Ikastolen Elkartean lan egin eta gero, uztea erabaki zuen, isilik eta inongo azalpenik eman gabe, ordu arte zuzendari izan zen Juan Luis Larrazak", liburuaren amaieran irakurri dugu. 27 urte igaro dira, eta oraindik ez dakit, zuzen, zer gertatu zen. Horixe liburuaren amaierako galdera. 1988az gero, Nafarroako Gobernuak akordio proposamena egin zuen, hiru urteko epea emanez ikastolen egoera Espainiako hezkuntza legearen arabera normalizatzeko. LODE zen lege hori, eta haur kopurua, egoitza, irakaskuntza mailak, zerbitzuak eta gainerakoak zehazten zituen. Herri txikietan ezin zuten legerik bete, ezinezko zitzaien. Jaiotze-tasa txikia, eta urtean-urtean bizpahiru ikastola itxi ziren aldi hartan. Nafar Gobernuak, bestalde, ikastolak zituzten herri txikietan –eta handietako batzuetan–, euskarazko irakaskuntza ezarriko zuela agindu zuen, eta irakasleei ere hiru urteko epea ematen zien oposizio bidez beren plazaz jabetzeko. Orduko Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak besterik nahi zuen. Bai, eta dokumentu alternatibo bat landu zuen, Nafarroako Euskararen Legea oinarri harturik, ikastetxe publiko zirela argudiatuz eta ikastolen instituzionalizatzea eskatuz. Herri txikietako egoera bideraezina zen, ordea, eta beraiek eskatuta, 1990eko uztailaren 4an, akordioa sinatu zuten Gobernuko presidente Gabriel Urralburuk eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko buru Txomin Izkok. Ondorioz, hamabi herritan ikastolak ikastola izateari utzi eta eskola transferituetan integratu ziren. Argazkia: Zaldi Ero. Ezinbestean, zure ustez. Bai, ikastola txikiak itxi eta itxi ari zirelako. Zenbait herritako ikastolak, esate baterako, ezin izan ziren akordiora bildu, aurreko urteetan itxi zirelako. Kasu horietan, haurrak euskaraz ikasteko modurik gabe geratu ziren, eta irakasleak lanik gabe. Olagueko kasua izan zen, adibidez. Nafar Gobernuak bere sarean integratu nahi zituen herri euskaldunetako ikastola guztiak, hau da, Leitza, Bera, Lesaka, Etxarri Aranatz eta ahal zituen guztiak. Herriotan, ordea, ikastola sendoturik zegoen, eta Nafar Gobernuaren bideari uko egin zioten, Leitzak izan ezik. Leitzako ikastolak ez. Akordioa uztailaren 4an egin zen, eta abuztuan, Leitzak –ordu arte Nafar Gobernuaren sarean integratu nahi ez zuenak– batzarra egin eta akordiora biltzea erabaki zuen, zortzi botoren aldearekin. Horrek korapilo eta tentsio handiak ekarri zituen, eta egoera eraman ezinik Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Txomin Izkok dimisioa eman zuen, Itziar Mujikak ere lana utzi zuen, eta nik iraila arte iraun nuen. Ikastola txikiek akordioa nahi zutela esan duzu. Bai, akordioa behar zuten, urtean-urtean eta tantaka-tantaka ateak ixten ari baitziren. Ikastola txikien eskariz sinatu zen akordioa eta, orduan, Euskal Herriko Ikastolen Elkartetik etorri zitzaizkigun arazorik handienak. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak ez zuen gure erabakia onartu. Horixe zure egia, kontatu nahi zenuena. Guraizerik gabe kontatu nahi nuena, eta liburu honetan kontatu dudana, neure kontura argitaratuz. Hala ere, nahiko goxo eta azaletik jardun dut, diplomaziaz. Baina egia esan, ez dakit zer izan zen tarteko, interes politikoak edo estrategikoak, ez dakit. Garai hartan ezin zitekeen besterik egin. Hara, herriz herri ibili naiz liburu hau osatu ahal izateko informazioa biltzen, jakinik orduko ikastolak aurrera ateratzen lanean ibilitako lagunartea oso indartsua zela. Bada, orain, lagunarte haietara itzuli naizenean sendotasun bera aurkitu dut, laguntasun eta konplizitate bera. Eta berdin esan nezake Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kideez.  Zeure barruko arantza atera duzu liburua idatzirik. Bai. Etxean nituen agenda eta ohar guztiak astintzeko gai izan nintzenean, idatzi behar nuela konturatu nintzen. Zuzendaritza uztera eraman ninduen kasu zehatza liburuan kontatzea ez du merezi, ez du liburua idazteko balio. Paper artean ustelduko da hori. Hala ere, esaten dizut, orduko dokumentazio, elkarrizketa eta artikuluetara itzultzeko gai izan nintzenean, ez nuen dudarik izan: "Juan Luis, oraintxe duk idazteko garaia!". Eta uste dut ikastoletan horrenbeste lan egin duen jendeak merezi duela omenaldia. Jende horri eskaini diot nire lana. Zoritxarrez, batzuk gaixorik daude, beste batzuk hilda. Nola ikusten duzu gaur egun euskararen egoera Nafarroako ikastetxeetan? Hasteko, Nafarroan euskarak eskola transferituetan etorkizuna duela esatea arriskutsua iruditzen zait. Nork ziurtatzen du Gobernuak euskara laguntzeari eutsiko diola? Egunkaria hartu eta egunero da liskarren bat euskararen inguruan, bateko zerrendak eta besteko espedienteak. Politikan, batzuen eta besteen artean parekaturik daude indarrak. Hauteskunde emaitzen gorabeheran bizi gara. Horixe da Nafarroako errealitatea. Ikastola den bitartean, bidea egiten saiatzen den artean, Gobernua ere saiatuko da euskararen aldeko lehian. Ikastolaren lehiarik izango ez balu, ez dakit. Ikastolari esker egin du bidea euskarak Nafarroan. Bidea egin du, beraz. 70eko hamarkadan, euskara galtzeko zorian zegoen hainbat herritan. Etxarri Aranatzen, kasurako. Gaur egun, neska-mutilek –haur eta gazteek–, euskaraz egiten dute. Hori ikastolak egin du. Eskola transferituak egin du horrelakorik?... Ikastolak bereari eutsi behar dio, indartu, eta ahal dela berriak sortu herri erdaldunetan. Defentsan jokatzeari utzi behar dio, erasoari ekin.
news
argia-78047838e7cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/bankariak-beti-bankari.html
Bankariak beti bankari
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-01-28 00:00:00
Bankariak beti bankari Sumer (Mesopotamia), K.a. XXIV. mendea. Lagasheko Urukagina erregea, boterea lortu bezain pronto, askotariko erreformak egiten hasi zen. Besteak beste, neurrigabeko zorrak barkatzea eta alargunen eta umezurtzen zerga-salbuespena jarri zituen indarrean. Neurri horiek erakusten dute lehen zibilizazio haietan, ekoizpen soberakinak lortu bezain pronto, burokratak, zergak, zorrak, mailegatzaileak eta, beraz, nolabaiteko lehen banku-jarduerak ere agertu zirela. Eta gehiegikeriak ere bai. Hauxe dio idazkera kuneiformean idatzitako ohol batek: "Adakalak zilarrezko 120 sikloko mailegua jaso du Urdulazagarengandik, 60tik 5eko interesarekin. Siqen hilabetean itzuliko du zenbatekoa". Beste batzuk larriago zebiltzan eta interes altuagoak onartu beste erremediorik ez zuten: "Ziyatumen seme Irrarak Usellirengandik zilarrezko 60 sikloko mailegua jaso du, 60tik 15eko interesarekin. Zenbatekoa hurrengo ilargiarekin batera itzuliko du. Kontratuaren zina Kalki eta Adada lekukoen eta Jainkoen aurrean egin da". Errealitate horretan tenpluak egoera hobeezinean zeuden, nekazaritzako eta abeltzaintzako soberakinak gordetzen baitzituzten. Denboraz, soberakin haiekin espekulatzen hasi ziren eta kleroa, erregeak eta, oro har, aginte politiko nahiz ekonomikoa zutenak etekin handiak lortzen hasi ziren jarduera haiekin. Familia boteretsuek, belaunaldiz belaunaldi, dirua interes altuekin mailegatzen, merkataritza negozioetan bitartekaritza lanak egiten, besteen ondasunak gordetzen eta horiekin espekulatzen zuten, etekin gero eta handiagoak lortzeko. Esan genezake orduan sortu zirela banku jarduera profesionala eta bankari dinastiak. 1893an Pennsylvaniako Unibertsitateko ikerlariak Nippur hirian indusketa lanetan ari zirela, 900 buztinezko ohol topatu zituzten. Testuak itzuli zituztenean konturatu ziren Babiloniako Murashu familiaren hiru belaunaldiko kontabilitatea eta burokrazia kontuak zeudela jasota ohol haietan eta horrek antzinako Mesopotamian gutxienez bankari dinastia bat bazegoela adierazten zuen. Testuetan 2.500 bezeroren izenak agertzen dira eta haien esanetara 60 agente komertzial izatera iritsi zirela ere jasota geratu zen buztinean. Baita Elam lurraldearekin edo Susa hiriarekin tratutan zebiltzala ere. Gainera, testuek jasotzen dutenez, Murashutarrak Babilonia erori aurretik (K.a. 539) ari ziren bankugintzan eta pertsiarrek, Ziro Handia buru, hiria konkistatu ondoren ere jardunarekin jarraitu zuten, erregearekin berarekin negozioak eginez. Agintean dagoena dagoela, bankariek patrikak betetzen jarraitzen baitute, eta hala izan da Antzinarotik.
news
argia-265ae42cfced
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/non-dago-gorputza-eskolan.html
Non dago gorputza eskolan?
Mikel Garcia Idiakez
2018-01-28 00:00:00
Non dago gorputza eskolan? Ez gara bakarrik buru, gorputza ere bagara, baina burmuina lantzeari eskaintzen zaio ahalegin gehien eskolan. Zein presentzia eta zein leku du gorputzak hezkuntzan? Nola landu berau? Nola eragiten du ikasleen gorputzetan ikastetxeetako espazioen antolaketak? Zein modutan bizi dituzte ikasleek gorputzeko aldaketak? Irakasleek aintzat hartzen al dute eurak ere gorputz direla, gorputz batetik ari direla?... Garatzen ari diren gorputz anitzez eta biziez betetako ikasgelak ditugula sinetsita, galdera ugari planteatu dizkiegu gure lau mahaikideei: Eider Salegi Haur Hezkuntzan diplomatua da eta irakasle izango direnen prestatzailea Mondragon Unibertsitatean, Luis Larrañaga Gorputz Hezkuntzako irakaslea da, eta Amaia Navascues eta Maider Urrutia berriz, Gorputzaldiak egitasmoko kideak dira. Adibide praktiko bat ere jaso dugu bukaeran: nola hartu kontuan gorputza ikasgai batean, Musikan adibidez. Edukiei eta adimenari asko begiratzen die eskolak, gutxiago gorputzari. Kontziente al gara, ikasgelan buruez gain gorputzak ere badaudela? Eider Salegi: Orokorrean, toki gutxi hartzen du gorputzak eskolan. Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan badu presentzia, besteak beste garapen motorra zutabeetako bat delako, baina Haur Hezkuntzako bigarren zikloan jada, batez ere azken urteetan, alde kognitiboari garrantzi handiagoa ematen hasten gara eta Lehen Hezkuntzatik datorkigun presioagatik, alderdi kognitiboa landu behar horrekin haurrak bideratzen ditugu eserita eta mahaietan idatzizko jarduerak edo fitxak egitera. Kezkagarria da, iruditzen zaigulako haurrak ohitu egin behar ditugula eserita egotera, eta gorputza alde batera uzten dugu. Baina pertsonak izate globalak gara eta ezin ditugu burua eta gorputza banandu; globaltasun hori ulertzen hasten garen unean ziurrenik gure egiteko moduetan ere aldaketak antzemango ditugu. Irakasleon artean ere norbere gorputzaren kontzientzia oso urria da oro har, ez dakit zenbateraino ekartzen dugun kontzientziara gorputza ere bagarela eta gorputza harremanak egiteko baliatzen dugula: azken finean, gure gorputza lanerako erreminta bat da eta horrek esan nahi du gorputzaren lanketa egin beharko genukeela. Badakigu identifikatzen gorputzak bidaltzen dizkidan seinaleak? Gorputz bidezko harremana ikasleekin eta gainerakoekin nolakoa da? Luis Larrañaga: Gorputz Hezkuntza ikasgaiaren ikuspegitik, guk ez ditugu gorputzak hezten edo mugimenduan soilik trebatzen, ez gara entrenatzaile hutsak, ikaslea osotasunean hartzen eta hezten dugu. Ikaslea ez baitzaigu etortzen gorputz batekin bakarrik, etortzen zaigu aurre-esperientzia batzuekin, motibazio eta emozio batzuekin… eta hori guztia hartzen dugu aintzat: alderdi kognitiboa, emozionala, erlazionala… eta noski, alderdi fisikoa ere bai. Gorputz Hezkuntzatik kanpo, eskolan gorputzari denbora gehiago dedikatu beharko litzaiokeela? Bai, jakina, inongo zalantzarik gabe. Amaia Navascues: Eskolan, gorputza dago buruaren azpian, ez bakarrik literalki; bigarren edo hirugarren plano batean dago, eta gainera bertikalitatea da nagusi: etxean edota beste espazio batzuetan lurrean egon daitezke, baina hezkuntza formalean halakoek ez dute lekurik, izatekotan Haur Hezkuntzan. Gorputzak gaur egun hezkuntzan duen presentzia ez da kasualitatea, garai batean oso ongi pentsatutakoaren ondorioa baizik, gorputzak paralizatzeko eta instrumentalizatzeko ahaleginaren ondorioa, geldi eta isilik errazagoa delako adiestratzea. Irakasleok kultura hori guztia jaso dugu, irakurketa kritiko sakona egitea beharrezkoa da, eta nahiz eta modu konsziente batean askok ez dugun konpartitzen, transmititu egiten dugu. Egia da irakasleen artean paradigma edo begirada aldaketa badagoela, ikusten dugu emozioak eta gorputzaren presentzia garrantzitsuak direla, baina inertzia aldatzeko lan asko egin behar da oraindik. E. Salegi: "Pertsonak izate globalak gara eta ezin ditugu burua eta gorputza banandu; globaltasun hori ulertzen hasten garen unean ziurrenik gure egiteko moduetan ere aldaketak antzemango ditugu"   L. Larrañaga: "Gorputz Hezkuntzaren ikuspegitik, ikasleari bere gorputza ezagutzen laguntzea da gakoa. Ikaslea bere gorputzaren nortasuna eta kontzientzia hartzen joaten da, eta bereganatzen doan heinean, besteena ere ezagutzen doa; hor bizitzen ikasten du" Ados, gorputza landu behar du eskolak. Zer esan nahi du gorputza lantzeak? Maider Urrutia: Gorputzak leku gutxi dauka, baina badauka bere lekua, gorputzak egon badaudelako. Kontua da zein modutan ari garen aktibatzen edo desaktibatzen gorputz horiek. Lantzen ari garenaz jabetzen gara, ala ez dugu fokua gorputzetan jartzen? Nire ustez, bidea da modu integralean lantzea, osotasunean, aipatu den gisan alde kognitiboa, emozioak eta bestelakoak kontuan hartuz. E. Salegi: Hain zuzen, globaltasunaren ideia hori natural biziko bagenu, espresuki gorputza landu beharrik ere ez genuke izango. Dena bat garela baldin badiogu, eskolan egiten ditugun planteamenduek premisa horretatik abiatu beharko lukete. Haur Hezkuntzaren kasuan, umeak bere osotasuna mugimenduaren bidez adierazten du; mugimenduaren bitartez eta gorputzarekin esperimentatuz doa bere gorputzaz jabetzen eta bere identitatea eraikitzen. Eta bide horretan laguntzeko, berriz diot, ezinbestekoa da irakaslea ere presente egotea bere gorputzarekin. Urduri dagoen umea besotan hartu eta lasaitzea lortzen ez dugunean, kontziente gara agian gure gorputza ere urduri dagoela eta ez diogula lasaitasuna transmititzen? L. Larrañaga: Gorputz Hezkuntzaren ikuspegitik, ikasleari bere gorputza ezagutzen laguntzea da gakoa. Ikaslea bere gorputzaren nortasuna eta kontzientzia hartzen joaten da, eta bereganatzen doan heinean, besteena ere ezagutzen doa; ezagutzen doa ingurune bat, eta hor bizitzen ikasten du. Ezagutza horiek sailkatu egiten ditugu: jarduera batzuk bakarka landuko ditu ikasleak, beste batzuk buruz buru aritzekoak dira, beste hainbat gainerakoekin lankidetzan aritzekoak… Ziurgabetasun eremuetan ere trebatzen ditugu, eta jarduerak antolatzen ditugu gorputzaren bidez sormena lantzeko, gorputz-adierazpena sustatzeko eta zentzu estetikoa garatzeko (mugimenduari ematen diogun zentzu estetikoa, alegia). M. Urrutia: "Gorputzak leku gutxi dauka, baina badauka bere lekua, gorputzak egon badaudelako. Kontua da zein modutan ari garen aktibatzen edo desaktibatzen gorputz horiek" Buru eta gorputz, dena bat garen neurrian, eduki intelektualak barneratzeko garaian nola eragiten du gorputzak? A. Navascues: Gorputzaren jarrera funtsezkoa da: nola dagoen emozionalki, arreta non duen kokatua, eta barne nahiz kanpo faktoreak (sabeleko mina daukadan edo eguraldi txarra egiten duen). Eduki intelektualak jaso eta eraikitzeko orduan, faktore ugari hartu behar dira kontuan, baina adimena bera ulertzen badugu adimen anitz moduan (adimen espaziala, gorputz-adimena, musikala…), elkarrekin erlazionatuta dauden adimen interdependenteak izateaz gain, gorputza ez da tresna hutsa eduki intelektualak jaso edo islatzeko, baizik eta gorputzaren bitartez ere beste adimen mota batzuk garatzen eta eraikitzen dira. Inportantea da nola gorpuzten ditugun edukiak, baina baita ere nola azaleratzen ditugun gorputzetik. E. Salegi: "Ni globala" aldagai ezberdinen interakzioan joaten da osatzen eta aldagai guztiek elkarreragina dute. Gure identitatea eraikitzen duen oro, gorputz esperientziatik pasatzen da; marka uzten diguna da gorputz edo azal esperientziatik jasotzen duguna. Edukiekin gauza bera gertatzen da, eta hortik egitearen beraren garrantzia: edukiak modu isolatuan eta kontzeptualean barneratzea ez da hain esanguratsua izango, baina egite horrek ekintzara bultzatzen gaitu, gorputza martxan jartzera, eta horrek ahalbidetzen digu eduki kognitiboak errazago eta hobeto barneratzea. Jean Piagetek esaten zuen pentsamendua ekintzatik jaiotzen dela eta ekintza horren konpasean garatzen doala, etengabeko dialektika batean. Edukiak barneratzeko, norbera den horretatik abiatu beharra dago, norberaren egoerak eta historia pertsonalak eragina duelako, eta barrutik ez bazaude lasai eta bare, zaila izango da kanpokoa barneratzea. L. Larrañaga: Neurozientziaren arloko azkeneko ikerketek ere gero eta gehiago azpimarratzen dute mugitzeari denbora eskaintzeak garrantzi handia duela eduki intelektualak hobeto barneratzeko orduan. M. Urrutia: Dantza garaikidean adibidez nabarmendu ohi da burmuina muskulu bat dela, eta pentsamendua dela gorputzean mugimenduan dabilen zerbait. Ikuspegi horrek pentsamenduaren eta gorputzaren arteko binomioa gainditzen du, eta alde intelektuala gorputzetik at ikusi beharrean, mugimenduaren parte bezala ikusten du. Mugimenduaz ari garenez, ikasle mugituak ala mugimenduan gabeziak dituzten ikasleak iristen zaizkizu Gorputz Hezkuntzako ikasgaira, Luis? L. Larrañaga: Eskolan bakarrik ez, gizartean oro har umeek gero eta aukera gutxiago dute jolasteko, libreki eta euren kabuz, gainera dena antolatuta ematen zaielako, eta horren erruz oinarrizko bizipen eta ezagutzak galtzen dituzte. Ikasleek mugimendu behar hori ez dute aseta. Batzuek eskolaz kanpoko ekintzak egingo dituzte, baina egunero ikastetxean ordu ugari pasatzea eta ordu horietako gehienak eserita egotea ez da egokia, batez ere adin horietan. Etxean gainera telebista aurrean, bideo-kontsolan edo antzeko jolas sedentarioetan emango badituzte orduak, horrek ere ez du laguntzen. Gorputza berez prestatuta dago mugimendurako, ez orduak eta orduak eserita egoteko, eta horrek ondorioak ekartzen ditu. E. Salegi: Daukagun hezkuntza ikuspegiarekin dago lotuta: pentsatzen badugu gazteak ikasi behar duela isilik, geldi eta formal egoten, txikitatik entrenatuko ditugu mugimendu oso barea izan dezaten eta saiatuko gara beraiek diren hori galarazten. Horrek esan nahi du norberaren osotasuna garatu gabe geratuko dela eta nahi izanez gero ikasleak bere kontura lortu beharko duela, hezkuntza formalaren esparrutik kanpo. A. Navascues: Bai, mugimendurako prestatuta dago gorputza, eta mugimendutik eraikitzen da, baina begira ikasgeletan aulki eta mahaien zein antolakuntza dagoen, eta jolastokia bera ere ze mugimendu mota egiteko prestatuta dagoen, nahiz eta jolaslekuak berrikusten ari diren hainbat ikastetxetan. M. Urrutia: Eta zein espazio ezberdinduak diren ikasgela eta jolastokia. Hain zuzen, ikastetxeetako espazioen antolaketak eta egiturek zerikusi handia dute. Nolako gorputzak/pertsonak ari gara hezten? E. Salegi: "Ni disoziatuak" hezten ari garela esango nuke, agian gu geu ere disoziatuak gaudelako eta gu garen osotasuna ukatzen dugulako; horregatik ditugu ditugun gelak eta espazioak, eta egiten ditugu egiten ditugun planteamendu metodologikoak. Sistemak berak nahiago du pertsona anputatu bat, pertsona osoa baino, pertsona osoa arriskutsua izan daitekeelako sistemarentzat. Orain arte hezkuntzak entrenatu izan ditu pertsonak gure gizartera molda daitezen, gure gizartea eredugarria bailitzan, eta hori nahiko perbertsoa da. Kanpokoari erantzuteko adiestratzen ari gara gorputzak, helduak esaten duen horri erantzuteko. Besteen eskaerak asetzen aditu bilakatzen gaitu sistema homogeneizatzaile honek, eta menpekotasun toxikoak eta botere harremanak elikatzera garamatza. L. Larrañaga: Nik esan ohi dut hezkuntzan aldaketak egitea dela elefante bati bultzaka aritzea bezala; zerbait aurreratzen da, baina poliki-poliki. Konfiantzaren Pedagogia delakoaren baitan adibidez hasi dira ikastetxeetan paretak botatzen, haurrak desplazamendu librea behar duela ulertuta; batzuk beraz iritsi dira hausnarketa hauetara. Espero dut planteamendua Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara ere eramatea, eta zaharragoen artean ziurrenik betiko talkak aurkituko ditugu. Batxilergoko bigarren mailan esaterako, Gorputz Hezkuntza ikasgaia zuzenean kendu egin dute, eta ez dago horretarako inongo justifikaziorik gainera. Gobernuek hezkuntzan dituzten interesak badakigu zeintzuk diren, ebaluaketa ospetsuetako rankingetan goian azaltzea dute helburu, eta ikastetxetan lan egiten dugunok ez gaude ranking horietara begira, ikasleen garapenean zentratuta baizik. A. Navascues: "Gorputza ez da tresna hutsa eduki intelektualak jaso edo islatzeko, baizik eta gorputzaren bitartez ere beste adimen mota batzuk garatzen eta eraikitzen dira. Inportantea da nola gorpuzten ditugun edukiak, baina baita ere nola azaleratzen ditugun gorputzetik"   L. Larrañaga: "Umeek gero eta aukera gutxiago dute jolasteko, libreki eta euren kabuz, gainera dena antolatuta ematen zaielako, eta horren erruz oinarrizko bizipen eta ezagutzak galtzen dituzte. Ikasleek mugimendu behar hori ez dute aseta; gorputza berez prestatuta dago mugimendurako, ez orduak eta orduak eserita egoteko, eta horrek ondorioak ditu" Gorputz indibidualetatik harago, elkarreraginaz hitz egiten du Mari Luz Esteban antropologoak, "gorputzartekotasunaz". Ikastaldeak eta nik besteekin eta besteek nirekin duten harreman sareak duen garrantziaz, ikas prozesuan. A. Navascues: Ikas prozesuan bakoitzak bere erritmoak dituela ohiko kontzeptua da hezkuntzan, baina egia da beste dimentsio hori ere aintzat hartu behar dugula: talde-gorputza. Irakasleok begirada hori ere garatu beharra daukagu, ikaslearekin bakarrik ez, talde-gorputz horrekin ere harremana nola gauzatu asmatzeko. L. Larrañaga: Gorputz Hezkuntzan egiten diren jarduerek asko dute elkarrenganako harremanetik, eta gero eta gehiago zaintzen dugu harreman horiek egoki garatu daitezen. Eskola inklusiboa izan nahi badugu, diskurtsotik harago egunerokoan aplikatu egin behar dugu, nahiz eta batzuetan ez den batere erraza. Zailtasun motorrak dituzten ikasleak ditugu eta kasu horietan abantailak ematen dizkiegu, objektuen edo espazioaren erabileran; edo alderantziz, trebezia handiak dituztenei zailtasunak gehitzen dizkiegu, bakoitza bere mailan gara dadin, baina lehia tartean baldin badago, ikasle batzuek ez dute hori ulertzen. Baldintza berdinak nahi dituzte, klub batean ariko balira bezala, eta gure lana da transmititzea ez garela klub bat, denok daukagula eskubidea garatzeko eta ikasteko, eta horretara iristen garenean, gero saioak askoz hobeto joaten dira. E. Salegi: Bat nator Mari Luzekin. Azken finean, norbera bestearekin harremanetan eraikitzen da. Gorputz fisiko instrumentala dugu batetik, nolabait lege biologikoei lotuta, baina gure gorputzak harremanen historia bat ere badu, izaki sozialak gara eta bestearekin batera, bestearekiko, eraikitzen goaz. Ispilua ere bada bestea. E. Salegi: "Norbera bestearekin harremanetan eraikitzen da. Gorputz fisiko instrumentala dugu batetik, nolabait lege biologikoei lotuta, baina gure gorputzak harremanen historia bat ere badu, izaki sozialak gara eta bestearekin batera, bestearekiko, eraikitzen goaz. Ispilua ere bada bestea" Ikasleek bakarrik ez, irakasleek ere euren gorputza lantzea funtsezkoa dela aipatu duzu, Eider. Irakasle izango direnak formatzen dituzu, gainera. Klasera iristen zaizkizun irakaslegaiak kontziente al dira, haiek ere gorputz direla eta gorputz batetik hitz egingo dietela ikasleei? E. Salegi: Hori da zailena, kontzientzia hartzea. Harremanetan oinarritutako lanbidea da gurea, eta sarri gure irakaslegaiei gertatzen zaiena da hain juxtu harremanak kudeatzeko dituztela oztopoak. Blokeoak ikusten ditugu, eta horregatik da hain inportantea gorputzetik abiatzea. Irakasle izateko norbere buruaz jabe izatea (gorputza barne) eta horretan ardura hartzea ezinbestekoa da, norbera onartzeko eta ondorioz gero bestea onartzeko. Ezagutza teorikoez gain, ezagutza prozedimental horiek ere landu behar ditugu, irakasle izango direnek sentikortasuna eta pertzepzioa lantzea, komunikazioa hobetzeko, enpatizatzeko eta daukagun entzute-gaitasuna garatzeko. Gorputzaren komunikazioan %75 ez-hitzezkoa da, eta bestearen inkontzienteak jasotzen duena ere gorputzarekin adierazten duguna da, nahiz eta hitzekin manipulatzen saiatzen garen. Ikusi dugu irakaslearen gorputz adierazpenekin lan egitea eraginkorra dela, irakasleek eurek benetako begirada aldaketa egiteko. Jarrera hauek pixkanaka joaten dira barneratzen, bizipen-praktiken bidez. Etorkizuneko irakaslearentzat, oso inportantea da harremanen benekotasuna, sakontasunez entzuten jakitea, pazientzia izatea eta ikasleak bere beharrak asetzeko behar duen testuingurua eskaintzea, eta horretarako, irakasle horiek autoezagutza, autorregulazioa eta enpatia bezalako konpetentzia sozio-pertsonalak garatzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu gorputzetik abiatzea. L. Larrañaga: Gaur egun oraindik Gorputz Hezkuntzako irakasle titulua ez duten tutoreak aritzen dira ikasgaia ematen hainbat ikastetxetan, legez irakasle espezialista batek eman behar duen arren. Horri eta Eiderrek esan duenari lotuta azpimarratu nahi dudana da zuk zerbait transmititzeko zuk hori maitatu egin behar duzula. Ez duzu transmitituko ez duzun zerbait, ezin duzu eskatu zuk ematen ez baduzu. Eta tutore horri iruditzen bazaio Gorputz Hezkuntza dela beste arlo "garrantzitsuagoetatik" liberatzeko jolas-orduaren luzapena, gaizki gabiltza. Irakasle espezialista jarri ordez, beste arloekin gertatzen ez dena gertatzen da Gorputz Hezkuntzan, eta hori hala da Gorputz Hezkuntza neurri batean gutxiago baloratzen dugulako. Baina ikaslearen garapenaren kalterako da. M. Urrutia: Irakasleei baliabideak eskaini behar zaizkie esperientzietatik igaroz. Guk hala egiten dugu Gorputzaldiak egitasmoan: irakasleekin lan egiten dugu esperientzietatik, azalpenak eman ordez dinamika ezberdinak planteatuz, gero eurek begirada hori euren gorputzetatik pasatuta eskainiko dutelako eta egingo dutelako ikasleekin. Gorputz Hezkuntza gutxi baloratzen dela diozu, Luis. Nahikoa denbora eskaintzen al zaio? L. Larrañaga: Ordutegi aldetik, garbi dago ez dela nahikoa, eta proposamenak ere egin ditugu, ordutegi orekatu baten alde, baina zeinek diseinatzen du curriculuma? Guk aurten lortu dugu Heziberrin [Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza planean] konpetentzia motorra onartzea oinarrizko konpetentzia bezala, baina gero hori ez bada behar bezala elikatzen ikastetxeetan eta tutoreek jarraitzen badute hala moduz ematen, ibilbide motza egin dugu. Gainera, Hezkuntza sailaren gainetik, gaur egun ELGEk berak [Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak] gomendioak ematen ditu ikasleak zertan trebatu behar ditugun eta zer den garrantzitsua esanez; ez da hezkuntza erakunde bat hezkuntzari buruzko gidalerroak ematen dituena. Osasun Mundu Erakundeak dio ikasle batek egunero 60 minutuz egin beharko lukeela ariketa fisikoa eskolan, baina Lehen Hezkuntzan adibidez ordu eta erdi edo bi ordu ematen dira astean eta 55 minutuko bi saiorekin ez zoaz inora, desplazamendua, materiala prestatu, higiene kontuak… tarteko. Paper gainean ateratzen dira kontuak, baina egunerokoan dabilenak badaki ez dela erreala eta denbora gutxiegi dela konpetentzia motorra behar bezala bereganatzeko. Ikaslearen garapen osoa bilatzeko bidean, ezinbesteko tresna da konpetentzia motorra garatzea, ez etorkizunean eliteko kirolaria izateko, ikasle gehienek ez baitute bide hori hautatuko, bizi kalitate hobea izateko baizik, eta inportantea da hori aitortzea, aitortzen zaion bezala matematika ikasgaiari bere helburua dela pertsonaren garapenerako lagungarri izatea, ez gero matematikari bihurtzea, edo berdin hizkuntzak ikasteari, helburua ez baita gero filologo izatea. Eta garai batean bezala, kirolari lotuta jarraitzen du Gorputz Hezkuntzak ala gorputzaren beste dimentsioek leku handiagoa hartu dute ikasgai honen barruan? L. Larrañaga: Lanketa hori ere Hezkuntza Sailetik kanpo egin behar izan dugu, Sohat (Soin Heziketaren Aldeko Taldea) eta ikasgaiko mintegien bidez. Hainbat irakasle elkartu eta Lehen Hezkuntzako programazio osoa berregiten ari gara, unitate didaktiko guztiak diseinatzen, lehen aipatu ditudan helburu eta ekintzetan oinarrituta. Irakasleak eskuragai ditu webean eskegita unitate didaktikoak. Horrez gain, metodologikoki ere aldaketa handia egin dugu: lehen irakaslea zen orojakilea, berak transmititzen zuen ezagutza guztia, eta gaur egun beste ikuspegi batetik egiten dugu lan, ikasleak ere baduelako bere ezagutza eta hori ateratzen lagundu behar diogu, adibidez egiten ari garen jolasa edo ariketa gelditu eta hausnarketarako tarte bat eskainiz. Eta emaitza automatikoa da: erronka bat jarri eta agian ez dira helburua lortzen ari, ba ariketa gelditu, haiei galdera pare bat egin eta proposamenak egiten hasten dira; gero hori praktikara eraman eta helburua lortzen dute. Eta bai, kiroletik harago doan Gorputz Hezkuntza nahi dugu. Saioak esaterako beti berdin hasten ditut: borobila eginez esertzen gara denak eta hogei bat emozio idatzita dituzten fitxak eskura dituzte ikasleek. Saioa hasterako bakoitzak bat jartzen du aurrean (edo emozio bat baino gehiago, batzuetan) eta begirada batekin badakizu zein den taldeko giroa. Ikasle batek "antsietatea" hartu badu, bazter hartu eta berarekin hitz egin dezakezu. Bestalde, gorputz-adierazpenari izugarrizko garrantzia ematen diogu. Lehen irakasle bakoitzaren borondatearen arabera eskaintzen zen, baina gaur egun ikastetxe gehienetan lantzen da eta gero jendaurrera eraman ohi da emaitza. Nik seigarren mailakoekin (11-12 urte) antzerki proiektu bat lantzen dut, eta eskolan egiteaz gain, beste ikastetxe batean ere errepikatzen dute emanaldia. Edo dantza jorratzen dutenek koreografia bat sortzen dute taldean… Ikasle askok eskertu egiten dute programazioa hain anitza izatea, taldeko kiroletan gaitasun gutxiago dutenak deseroso sentitu daitezkeelako, baina badakite gero beste proiektu bat etorriko dela atzetik. Eta gainera hori da gure egitekoa: abaniko anitza eskaintzea, etorkizunean helduaroan aukeratu ditzaten bizpahiru jarduera eta horiek txertatu ditzaten euren bizi-ohituretan, bizi kalitate hobea lortzeko. Eskolan gorputzaren lanketak transbertsala behar lukeela esan dugu, baina ba al da harremanik Gorputz Hezkuntzaren eta beste ikasgaien artean?  L. Larrañaga: Gorputz Hezkuntzaren altxor handienetakoa da zuzenean teoria aplikatu eta praktikara eramaten dugula: orientazioa edo egoera fisikoa lantzen baditugu, angeluak, denbora, distantzia neurtuko ditugu, eta polita litzateke adibidez matematikako ikasgaiarekin elkarlanean proiektua egitea, ikasle bakoitzaren denborak eta garapenak hartu eta grafikoak eta abar egitea, baina jendea oso lotuta dago testu-liburura, eta hortik oso gutxi ateratzeko prest daude. A. Navascues: "Irudi idealak ekar dezake gure gorputza ukatzea eta ez onartzea, eta horregatik da hain inportantea txikitatik gure gorputzaren kontzientzia lantzea, gure gorputza eta gure fisikalitatea esploratzea, aukera ezberdinak irekiz eta biziz: nire gorputzaren mugak, mugimenduak, jarrerak…" Nerabezaroa bezalako garaietan, aldaketa handiak bizi ditu gorputzak eta ohikoagoak dira lotsak, beldurrak, ziurgabetasunak… Lantzen al da hori guztia? E. Salegi: Ni ez naiz zuzenean nerabeekin aritzen, baina iruditzen zait ez dela planteamendu global edo integratzailerik ematen, eta gorputza alde batera uzten badugu, nola hitz egingo dugu gorputz anitzez? Aldi ebolutibo horretan dauden ezaugarriak kontuan izan beharko genituzke eskaintzen diegun hezkuntza proposamenean, ez bakarrik arlo kognitiboan, baita bizipenak azaleratuz ere, haiei entzunez eta haiekin negoziatuz. Horregatik behar da hezkuntza ulertzeko eta eskola barruko harremanak ulertzeko beste modu bat. Eta egia da irakasleok ispilu lana egin behar dugula ume eta nerabeekin, baina gizartean gorputz eredu hegemoniko bat nagusitzen da eta merkatuak pisu handia du horretan. Kontzientzia badaukagu, baina gauza gutxi egin dezakegu merkatu hori aldatzen ez bada: kontsumismoa, "ni"-aren gorespena, arrakasta zerk ematen digun… Dena den, helduon esku dago beste mota bateko ereduak erakustea eta arduraz jokatzea, nerabezaroan kanporantz bizi ohi garelako: adin horietan gorputzak izugarrizko pisua hartzen du, badirudi gu osotasunean garela gure gorputzak adierazten duen hori, eta estereotipoetan eta konparaketetan sartzen garenean kalte handia egin diezaiokegu gure buruari, gorputz errealaren eta idealaren arteko distantzia handia bada nerabe horrek oso gaizki biziko duelako, eta helduoi dagokigu jabetzea, ulertzea eta laguntzea, ispilu lana egoki egitea. A. Navascues: Izan ere, irudi idealak ekar dezake gure gorputza ukatzea eta ez onartzea, eta horregatik da hain inportantea txikitatik gure gorputzaren kontzientzia lantzea, gure gorputza eta gure fisikalitatea esploratzea, aukera ezberdinak irekiz eta biziz: nire gorputzaren mugak, mugimenduak, jarrerak, erosoago sentitzen al naizen espazioaren erdian kokatuz edo izkina batean… L. Larrañaga: Konplexuen aurrean, batzuk ezkutatzen ahalegintzen dira, beste batzuek aukera ematen dute gaia jorratzeko eta hainbatekin zailagoa zaigu. Egia da aldaketa garaia izan ohi dela eta nahiz eta guk esku hartu, loditasun kasuetan adibidez nahiko gaizki pasatzen dutela batzuek, sarri ingurukoek ere hitz itsusiak esaten dizkietelako. Bonbardatzen gaituzten estereotipoetatik kanpo dagoen ikasleari kosta egiten zaio bere gorputzean ongi sentitzea. "Harremanetan oinarritutako lanbidea da gurea, eta sarri irakasle izan nahi dutenei gertatzen zaiena da hain juxtu harremanak kudeatzeko dituztela oztopoak", dio Salegik. Estereotipo horiek ezberdinak dira mutil eta neskentzat; ezberdina da gorputz batzuei eta besteei eskatzen zaiena. L. Larrañaga: Guk adibidez seigarren mailakoekin antzezlan berezia egiten dugu Gorputz Hezkuntzan, ikasgaian bertan (partidetan, ariketetan…) ematen diren komentarioak eta egoerak biltzen dituena, eta neskek mutilen rola antzezten dute eta alderantziz. Helburua da enpatia bidez bestearen lekuan kokatzea eta ikustea zer bizi duten batzuek eta besteek. Estereotipo, bazterkeria, loditasun… kasuak biltzen ditu antzezlanak. Baina lehen esandakoa, gu iristen gara iristen garen lekura, eta agian gazte hori Anoetara joango da partidu bat ikustera eta bertan behera geratuko da egindako guztia. E. Salegi: Genero kontuak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari badira ere, sentsazioa da oraindik ez dugula asmatu oso ondo nola egin. Hasteko gure praktikaren gogoeta sakona egin beharko genuke, ea gure ekintzak bat datozen pentsatzen dugunarekin, eta abiapuntua hori izatea. Txiki-txikitatik heldu beharreko gaia da, ez bat-batean nerabezaroan edo adin jakin batean, ea zein eredu eskaintzen ditugun oinarri hartuta, haurrek gero eredu horiek modu naturalean jaso ditzaten. M. Urrutia: Aukera ezberdinetara irekitzea ere interesgarria da, bestela berdina egingo dugu behin eta berriz: gaur aulkietan eseri ordez, zutik emango dugu klasea… Eta ikastetxean erabiltzen dugun materiala ere begirada horretatik sortua izan beharko luke. E. Salegi: Bai, baina curriculum ezkutua ere hor dago. Gauza bat delako materialean eta edukietan lantzen duguna, eta beste bat inkontzienteki zer transmititzen dugun (eta transmisio horretan garrantzitsua da gorputza berriz ere), modu jakin batean hezi gaituztelako eta oharkabean genero bereizketa erreproduzitzen aritu gaitezkeelako. Horretaz jabetzea da lehenengo pausoa. L. Larrañaga: Antzezlanaren gidoian, ikasleek eurek aipatzen duten esaldietako bat da gurasoek mutilei exijitzen dietela kiroletan ona izatea, eta neskei nota onak ateratzea. Horrelako sinesmenak dituzte… E. Salegi: Eta hala uste badute da guk hori transmititzen diegulako. A. Navascues: Ahaztu gabe generoari lotutako agindu inplizituak askoz bortitzagoak direla emakumeongan, eta hori guztiz lotuta dago autoestimuarekin eta zure gorputzaz duzun irudiarekin. Zer nolako mugimenduak egiten dituzun, egiten duzunak bestearen onespena bilatzen al duen, taldean zeinek hartzen duen hitza… Guk adibidez dantza erabiltzen dugu Gorputzaldiak ekimenean, eta jende bat larritu egiten da, dantzaren inguruan estereotipo jakin bat dutelako buruan, baina guretzat dantza edozer gauza izan daiteke, norberak jartzen ditu mugak. Urte askoan dantzan egon da gorputzaren objektualizazioa: kanpotik ikusiak gara eta ederrak izan nahi dugu, emakumearen historian oso presente dagoen ideia, baina dantzan paradigma hori aldatuz doa, anbiguetatea, aukera berriak… sartu dira jokoan. IKASGAI BATEAN NOLA HARTU GORPUTZA KONTUAN. ADIBIDEZ, MUSIKAN Abstrakzioa egin aurretik haur eta gazteek musika sentitu eta bizi dezatela; gero horri zentzua emango diote, baina aurretik gorputzak ulertu du musika, barneratu du. Musika irakasteko dauden aukera interesgarrien isla da Dalcroze erritmika. Beñat Rallak Genevan ikasi zuen metodologia hau, eta Euskal Herriko ikastetxeetan ematen duen bakarretakoa da, nahiz eta beste herrialde ugaritan hamarkadak daramatzaten berau aplikatzen. Musika eta mugimendua uztartzean datza, gorputza elementu zentral bihurtzen da eta musikaren eraginaren arabera gorputzak ekintzak burutu behar ditu, espazioa kudeatuz, elementu osagarriak kudeatuz (izan daitezke pilotak, uztaiak, fularrak, panderoak…) eta besteekin elkarlanean. Mahai eta aulkiak baztertu, espazio zabala hartu, eta gorputzaren bidez musika biziaraztea, gure gorputzak musika barneratu eta nolabait gorpuztea da xedea, modu dinamiko eta ludikoan. Eta nola egiten da hori? Irakasleak zuzeneko musika sortuko du, pianoa joaz adibidez, eta landu nahi duen musika elementuaren (zelula erritmikoak, tonalitateak, tempoak, piano eta forteak…) eta ikasleen parte-hartzearen arabera inprobisatuko du. Oinez hasi eta irakasleak jotzen duen musikara pausoa egokituko du haurrak, mantsotuz, azkartuz, isiluneetan geldituz… edo erritmoa lantzeko hiru balore hartu (beltza, zuria, kortxea) eta bakoitzari funtzio bat emango diote: aurreraka ibiltzea, atzeraka, alboz; edo konbinazio ezberdinak egingo dituzte, esku eta oinekin, ezker eta eskuin… edota konpasen zentzua barneratzeko ariketa asko egin daitezke pilota bat elkarri pasaz. Proportzioak lantzeko, eskuekin beltzak egin bitartean hankekin zuriak edo kortxeak irudikatuko dituzte, aldi berean. Erritmoan bakarrik ez, gorputzaren jarreran ere eragiten du musikak, eta entzuten dutenaren arabera uzkurtu edo ireki egingo dute gorputza, animalia bat edo bestea imitatuko dute, "galderak" planteatu eta gorputzaren bidez erantzungo dituzte, askatasunez, edota espazioarekin jokatuko: musika aldaketekin batera, taldean erreakzionatu behar dute, gelako mutur batera joanez, edo espazioan zabalduz eta dispertsatuz, edo bat-batean elkartuz eta batuz. Beñat Ralla: "Norberak bere gorpuzkera eta ibiltzeko modua onartu behar ditu, eta konturatzen zara 10 urterekin batzuek, izan lotsagatik izan autonomia faltagatik, ez dakitela ibiltzen. Oinarrizko erritmo bat jarri eta ez dira gai musika jarraituz oinez ibiltzeko; horri nola hasiko natzaio ez-dakit-zein erritmo berezi azaltzen?" Azken finean, azaldu digu Rallak, solfeo tradizionalak musika deskodifikatu egiten du (hau kortxea bat da, hau fusa bat…), hasieratik da kontzeptuala eta kognitiboa; eta Dalcroze erritmikan, alderantzizkoa da prozesua: abstrakzioa egin aurretik musika sentitu eta bizi dezatela haur eta gazteek, gero horri zentzua emango diote, baina aurretik gorputzak ulertu du musika, barneratu du, eta prest dago hori guztia intelektualizatzeko, lengoaia musikalera eraman eta teorikoki finkatzeko. "Horrez gain, norberaren gorputza, mugak eta aukerak ezagutzeko modua ere bada, lateralitatea lantzekoa, gure gorputza armonian jartzekoa; desplazamendua eta espazioa kudeatzeko gaitasuna hartzen dute, eta psikomotrizitate globala, partziala (besoak) eta fina (hatzak) jorratzen dute, baita koordinazioa ere, memoria, sormena, inprobisatzeko ahalmena…". Ume txikiek bata bestearen atzetik ibiltzeko edo borobilak osatzeko joera dutela azaldu digu, eta aurreko ikasturtean, hiru hilabete inguruko lanketaren ostean, 4-5 urteko umeak bakoitzak bere ibilbidea asumitzea lortu zuela, "eta hori gauza handia da ikasleen autonomiarako. Lehenengo egunean denak erdi-lotsatuta borobilean egotetik, ikasleak bere burua inoren menpe eta liderrari jarraitu gabe ikustea, musikaren bidez garapen integralerako egindako lorpena da". Ongi ibiltzeko, gorputza armonian jartzea eta gainetik hainbat beldur kentzea omen da bidea. "Norberak bere gorpuzkera eta ibiltzeko modua onartu behar ditu, eta konturatzen zara 10 urterekin batzuek, izan lotsagatik izan autonomia faltagatik, ez dakitela ibiltzen. Oinarrizko erritmo bat jarri eta ez dira gai musika jarraituz oinez ibiltzeko; horiei nola hasiko natzaie ez-dakit-zein erritmo berezi azaltzen, oinarrizkoena ere ez daukate-eta? 4 urtekoekin eta 12koekin, batzuetan gauza berdinak landu behar ditut biekin, aurretik ez delako halakoetan indarra jarri. Horregatik du hain ikuspegi aberatsa Dalcrozek". ( Argian argitaraturiko artikulutik hartua )   MAHAIKIDEAK: Eider Salegi, HUHEZIko irakaslea Orion jaioa, 1981ean. Psikologian lizentziatua eta Haur Hezkuntzan diplomatua, Berrikuntza Didaktiko Metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkuntza Erakundeetan Masterra ere badu. Hezkuntzan eta Terapian psikomotrizista da eta urte batzuk Haur Hezkuntzan lanean aritu ostean, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea eta Haur Hezkuntza Graduaren koordinatzailea da. Irakaslearen begirada sentikorrari buruz doktorego tesia ari da egiten eta Hazitegi ikerketa taldeko kidea da. Luis Larrañaga "Pizti", Gorputz Hezkuntzako irakaslea Azkoitian sortua, 1965ean. Gorputz Hezkuntzako espezialitatean Magisteritzan diplomatua eta Ekologia emozionalean masterduna. Hogei urte daramatza hezkuntzan: Tuterako Argia ikastolan hamar urte egin zituen irakasle eta duela sei urtetik Donostiako Jakintza ikastolan ari da. Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldean (SOHAT) hartzen du parte eta Gorputz Hezkuntzan euskaraz egindako lehen programazio bateratuaren proiektuko kidea ere bada. Maider Urrutia eta Amaia Navascues, Gorputzaldiak proiektuko kideak Gorputzaldiak ekimeneko partaide dira. Hezkuntza eta dantza uztartzen dituen proiektu pedagogikoa da Gorputzaldiak, hezkuntza formaleko irakasleei tresna berriak eskaintzea helburu. Navascues Donostian jaio zen (1983). Dantza Garaikideko ikasketak egiten ari da Miguel Hernández Unibertsitatean (Alacant), baita Dantza Mugimendu Terapia ere, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Norabidea Kolektiboan dabil. Urrutia Bilbon sortua da (1980) eta Artaziak Arte Hezkuntza Ekimenak guneko bazkidea da. Cuerpos transversales lan ildoaren baitan, gorputza ikaskuntza tresna gisa lantzen du.
news
argia-0f812275d5d7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/oro-ez-da-urre.html
Oro ez da urre
Igor Estankona
2018-01-28 00:00:00
Oro ez da urre Nola definitu Txoriak dira bederatzi? Liburuaren azalean zortzi baino ez dira ageri, Iñaki Bastarrikaren ilustrazio ederrean. Autolaguntzarantz egiten duten hausnarketa filosofiko-linguistikoak dira liburu honetan aurkituko dituzun batzuk-batzuk, aforismo aski luzeak beste batzuk, poemak, artelanen gaineko interpretazio librea…  Ametsetan idatzitakoak zein ametsetik errealitatera egiteko pentsatuak, zer pentsatua ematen duen lana da hau, poesiatik ihes egin duen Tere Irastortza –niretzat behintzat– ezezagun batek idatziak. Bizi garenon bizitzaren eta heriotzaren inguruko saiakera liburu atipikoa da beraz, hizkuntzaren botere iradokitzailearekin jolas egiten duena: "Sortzea askatzea balitz, lotura gabe sortu ahal izango litzateke, pentsamendu gabe. Sortzea, baina, aitzinagora jotzea ere bada. Sortzea, ordea, bada, azala berritzea: ustez geure bizipena zenari pentsamenduaren mozorroa eranztea: dena erretzean geure gorputza gexal batek baino babesten ez duela jakitea: eta igartzea, aitzinagoko senak ikasitakoaren zurrunbiloan atzera jo eta gizakiago (eta fisikoago) izatera eraman gaitzakeela". Pamielak edizio txukuna prestatu du irudiz, tipografiaz, maketazioz aberatsa. Baina gerturatu eta lau, hori ere batzuetan gertatu ohi da. Gerturatu eta lau diot, begi bistakoari errepasoa egiten diolako askotan, esandakoari gorazarrea enegarrenez. Liburura zelan hurbildu, agian hortxe dago gakoa. Badaude txinparta ederrak –"Dena ez da irabazia. Hori dakienak irabazia du dena"– baina, orokorrean, berrikuntzarik gabe grinarik gabe abstraktuegi doa. Etnografoaren ikerketa ematen du uneka, poetaren hausnarketa ere bai. Baina ez da etnografia, ez da poesia. Horregatik egin zait anekdoten laburkizun baten antzekoa. Koaderno batean idatzi eta harekin beste zer edo zer idazteko materiala badago liburu honetan, baina gordin emana. Agian literaturaren filtroa beharko luke, agian dena ez da argitaragarri. Saiakera izateko ideiak sakabanatuegi daude eta gordetzen duen lirikotasunaz gozatzeko, ostera, begitandu zait ikerketa tonu sakonegia daukala. Naturari beha eta hizkuntzari beha eta klasikoei beha, ni neu geratu naiz zerbait berria ikusteko gogoarekin.
news
argia-f053bbd1d364
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/agus-hernan-foro-sozial-iraunkorra.html
"Prozesua konplikatua da, baina modu baikorrean lantzen ari da"
Mikel Asurmendi
2018-01-28 00:00:00
"Prozesua konplikatua da, baina modu baikorrean lantzen ari da" Irun,1962. Hendaiako Antxeta irratiko lehendakaria da. Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea eta bozeramailea. Urtarrilaren 26 eta 27an foro berezia eginen dute Irungo Ficoban, iheslarien eta deportatuen egoera areago aztertzeko. Euskal presoen eskubideen alde 100.000 lagun inguru Bilbon manifestatu ostean aritu gara. Bake eta normalizazio prozesuaz, baita Frantziatik eta Espainiatik heldu diren azken berriez ere hitz egin dugu. Frantziako Justizia ministerioak euskal presoen gaian aurrerapausoak emanen dituela eman du aditzera berriki. Gure ustez, prozesua antsiarik gabe hartu behar da. Bakegileak lanean ari dira puntu horren gainean aspaldion, hau da, 59 presoren kasuen inguruan. Bakoitzaren egoera aztertzen ari dira, horren ondoren hainbat preso Euskal Herriaren inguruko presondegietara aldatuko duten berria heldu da. Ministerioak gaia, bi aldeak aztertzen ari zirela eman zuen publikoki, horrek aldebikotasun prozesuan egotea berresten du.  "Ez dugu emaitza ikusgarririk espero behar" esan ohi du Foro Sozialak, prozesua iturri bat bezala ikusi behar dela. Iturria irekita dago, Iparraldean tanta batzuk isurtzen hasi dira, eta prozesua zabaltzen eta gauzatzen joango da. Justizia ministerioak ordezkatzen duen estatuak harremanak ditu Espainiako Gobernuarekin, beraz, prozesua konplikatua da, baina modu baikorrean lantzen ari da. Tantaka, baina prozesua aurrera doa. Frantziako Estatuan keinu garbiak izan dira aspaldian. Esaterako, Baionako Ospitalera preso bat ekarri zuten iragan udaberrian. Mikel Irastortza, ETAko zuzendaritzako kidea omen dena Baionan bizi da... Hori publikoki adierazia al da?   Irastortza atxilotu zuten Azkainen, eta Frantziako eta Espainiako gobernuak ETAko azken zuzendaritzako kidetzat jo zuten. Baina, berari eman dioten kategoriaz harago edo honago, guretzat inportanteena epailearen jarrera izan da: ETA armagabetu ondoren, beste agertoki batean gaude. Lehen aldikoz, holako kargurik egozten dioten pertsona bat epaiketaren zain kalean egotea oso adierazgarria da. Beste elementu bat zazpi presori DPS estatusa (Preso Bereziki Atxilotua) kentzea izan da. Logika guztiaren arabera, apirilaren 8an emandako urratsaren ondoren [ETAren armagabetzea] Frantziako Gobernua pasibotasunean egotetik urratsak ematera pasa da. Zentzu horretan ulertzen dugu prozesua. Aldebiko prozesutzat jo al da? Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua ez da aldebikoa, begi-bistakoa da. ETAk bere erabakia hartu zuen bere kabuz, baina armagabetze prozesua Nazio Batuen Erakundearen (NBE) estandar integratuen parametroetan eman da, prozesu honetan ere armagabetzea nazioarteko prozesuen definizioen barnean eman da. Hamar parametro daude eta guztiak bete dira, osoki eta gardenki, Frantziako Gobernuaren baietzarekin, nazioarteko komunitatearen begiradapean. Horrek gizarte zibilari konfiantza eman dio. Edonola ere, aldebikotasuna... ...nik esango nuke Iparraldeko bakegileak, hautetsiak eta Frantziako ministerioaren artean badagoela aldebikotasun prozesu bat, prozesua gizarte zibilaren, instituzioen (Herri Elkargoaren presidente Jean-René Etchegaray izanez) eta EPPK-ren bitartez bideratzen ari da, noski, ez nuke esango negoziazio prozesuan ari direnik. Negoziazio hitzak Suitza, Norvegia edota Aljeriako garaietara eramaten gaitu, eta ez gaude horretan. Halere, ebazpen prozesu batean gaude. Hegoaldean zertan da prozesua? Aldeaniztun prozesu bat ari gara eraikitzen. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta alderdiak –EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE– prest daude prozesuari ekarpenak egiteko, baita sindikatuak ere. Adostasun maila altua lortzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Bakea eta bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek Ipar Euskal Herriko bakegileen eta Parisko Justizia ministerioaren arteko bideak eman zezakeena zalantzan jarri zuen. Orain, aldiz, baikortzat jo du emandako urratsa. Guk ez ditugu beste eragileen adierazpenak baloratzen. Hala ere, aitortu behar dut, Fernandezen adierazpen haiek Foro Sozialeko eragile batzuei harridura sorrarazi zietela. Nik elementu nagusi bat azpimarratuko nuke: Frantziako Errepublikaren sisteman oso da garrantzizkoa –Korsikan ikusten ari gara hori– Justizia ministerioak hautetsiekin elkarrizketak izatea. Etchegaray Errepublikako ordezkaria da, bera da bakegileak taldearen burua. Bakegileak ez dira bakarrik gizarte zibileko kideak, elkarteak eta hautetsiak ere badira. Iparraldeko ordezkaritzaren burua Euskal Herriko hiru administrazio edota lurraldeetako baten lehendakaria da. Beraz, "ezina ekinez egina" lemari tinko. Foro Sozialean ari garen hainbat eragileei hauxe entzun nien hasieran: "Hori amortizatuta dago". Orain, armagabetzean bezala, presoen inguruan akordio integral baterako lehen akordio partzialak lortzen ari gara, beraz, egoera politiko-soziala ez dela amortizatua ikusten ari gara. Gizarteak armagabetzea nola hartu zuen ikusi besterik ez dago. Euskal Herrian inork ez du zalantzan jartzen ETA armagabetu denik. Ondoren, hedabideek izugarrizko arreta jarri dute gure zereginetan. Guk espero dugu ETAren desmobilizazioarekin antzeko urrats bat ematea, biktimen, presoen, deportatuen eta iheslarien auzian aurrera egiteko. Kurtso politikoa amaitu aurretik ETA "desmobilizatzea" espero duzue. Kontzeptuak berak eman du zeresana. Bai noski, baina desmobilizazioa NBEk sortutako kontzeptua da, gatazka bortitzen ebazpenetarako balio duena, hiru dira kontzeptu nagusiak: armagabetzea, desmobilizazioa eta birgizarteratzea. Armagabetzea parametro horietan eman da. Guk ez dakigu ETAk zein hitz erabiliko duen bere erabakia plazaratzerakoan. Ez dakigu, Euskal Herriko gobernuek, alderdi politikoek edota sindikatuek erabaki hori zein hitzekin kalifikatuko duten ere. Guretzat inportanteena bi elementu hauek dira: Lehena: ETAk esango duena argia eta konkluientea izatea. Bigarrena: erabaki horretan, bizikidetza sustatzeko hiru ezaugarri izatea: irakurketa kritikoa, partekatua eta eraikigarria. Urtarrilaren 8an ETAko kide Olarra Guridirekin bildu zinen Granadako Albolote kartzelan. Zein testuingurutan? EPPK-ren mintzakideekin bilera bana eskatu dugu bi estatuetan. Erantzunik jasotzen ez genuela ikusita, prozesua aurrera doala ikusita, baldintzak onak izan ez arren, erabaki genuen berau "bisita moduan" gauzatzea. Bisita 40 minutukoa izan zen, baina ez baldintza onetan, kristala tarteko zela hitz egin genuen. Hiru puntu landu genituen eta horiek aditzera eman ere. Gero, hedabide bakoitzak puntuei azentua jarri die modu ezberdinetan. Lehen puntua: EPPK-ri alderdi eta sindikatuekin daramagun lana azaldu diogu, elkarrizketa aldeaniztunean ari garela. Puntu horrek eragile guztien eta EPPK-ren artean bide-orri transbertsala lantzea helburu du. Bide-orri bat eraikitzeko baldintza beharrezkoak dira, horiexek erraztuko baitute geroan bizikidetzaren gaia, baita presoen arazoa konpontzeko modua ere.   Presoak pausoak ematen hasiak dira espetxeko legediaren barruan. Euren artean kohesiorik ba al dago? Nik ez dakit preso bakoitzak zer bozkatu duen, ezta norberaren jarrera EPPK-ren dinamikan zein den. Seguru asko, egun 300 preso badira 300 iritzi daude. Nik modu positiboan baloratzen dut hori. Olarra Guridik esan zigunez, kohesioaren adierazlea bozka kopurua da. Hainbat jendek baiezko, ezezko, abstentzio edota zuri bozkatu du. EPPK-ko kideak dira denak, batzuek kontra bozkatu arren, denek bat egiten dute. Bilerako bigarren puntua zein izan zen? Presoek beren disponibilitate osoa agertu dute prozesuan ekarpenak egiteko, baita gainerako eragileen ekarpenak entzuteko ere. Presoak bidean dauden zailtasunak aztertzen ari dira eta erabakiak finkatzen. Kartzela barruko prozesuak luzeak dira. Presoak beren destinoa eskatzen ari dira, gehienek 2. gradura pasatzeko urratsa eman dute, baina ezetzak jasotzen ari dira. Kolektiboaren %96 lehen graduan dago preso. 2. graduan egonez gero, permisoak izateko baimena eskatu ahal izango dute. Zein zen hirugarren puntua? Egindako minaren aitortza. Biktimen egia eskubidea, erreparazioa eta justizia delakoa. EPPK-k hauxe esan du: "Prest gaude biktimekin elkarrizketa prozesu eraikitzailea hasteko bizikidetasunaren helburutan, baldin eta orain arte izan ez den marko egokia eraikitzen bada, 'gaitzespenik gabeko marko bat'". Unea baikorra da edonola ere. "Aukerak aprobetxatu behar ditugu, ez dakit nola deituko zaion prozesu berri horri, baina `propioa´ izango da, 2018an bizi dugun egoera politikoari erantzungo dio" Gure ustez, prozesuaren une interesgarrian gaude. EPPK-ren esandakoak badu balore bat, baina segidan, marko egokira iristeko presoek 2. gradura pasa behar dute. Hala ere, gaurko sistemak ez du hori baimentzen, 1. graduak ez du uzten aurrera egiten, presoak botilaren lepora iritsi dira. Preso bakoitzak eskaera propioa egin du eta erantzuna estandarra izan da. Denei hauxe esan diete: "Eskaera errefusatzen zaizu desegin gabeko erakunde terrorista bateko kidea zarelako". Argudio bera da denentzat, ez zaizkie kontuan hartzen kartzelako ibilbidea, ez euren jarrera ez lana... Elkarrizketa markoa gauzatzeko hori eman behar da. EPPK prest dago eta eragile guztiek aldeko jarrera erakutsi dute. Alderdi politiko denek jarrera bera dute? Bakoitzak bere ñabardurak jartzen ditu, baina euskal alderdi guztiek prozesua garatzearen aldeko jarrera dute. Adibiderako, PSE-EEko Rafaela Romerok "presoei urteetan eskatu zaie bide hori urratzea, eta hasi direnean ez diete uzten" esan berri du. Adierazgarria, ezta?   PPren aurrerapausoa falta da. PPk eta Espainiako Gobernuak erabakiak hartzea falta da. Alfonso Alonsok hedabideetan esan duenez, ETA desegin ondoren –ez zuen desmobilizazio hitza erabili– espetxe politika aldatuko da. Zoidok "presoei legetasun arrunta aplikatuko diegu" esan du. Hori da guk eskatzen duguna, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen politikaren ordez, legalitate arrunta ezartzea. Foro Sozialaren eta EPPK-ren arteko elkar ulertzea funtsezkoa da aurrera egiteko. Prozesu horretan oso garrantzitsua izan da EPPK-rekin harremanak lantzea, beren ekarpenak ekartzea, eta presoei alderdiek eta sindikatuek diotena argi eta garbi aditzera ematea. Alderdi, sindikatu eta eragile politiko guztiak EPPK-rekin aritzeko gertu egotea da gure lanetako bat. Funtsean, presoen inguruko prozesu erabakigarria gauzatzeko gobernuen, alderdien eta sindikatuen artean akordio tranbertsala lortu behar dugu. Oraingo bide honen eta Langraitz delakoaren artean diferentziarik al dago?   Foro Sozialak beti errespetatu ditu preso guztiek hartu dituzten erabakiak, iraganekoak nola egungoak. Gaur testuinguru berri batean gaude, Langraitz bideak ziur aski erantzun zion testuinguru politiko sozial zehatz bati, eta egun beste batean gaude. Aukerak aprobetxatu behar ditugu, ez dakit nola deituko zaion prozesu berri horri, baina "propioa" izango da, 2018an bizi dugun egoera politikoari erantzungo dio. Zein dira behin-behineko urratsak? Hiru dira. Lehena: alderdi politiko eta sindikatu guztien arteko akordio integrala lortzea Hego Euskal Herrian. Bigarrena: gizarte zibilaren mobilizazioa, eta hirugarrena: Espainiako Estatuan norabide horretan lagunduko lukeen iritzi korronte bat sortzea. Hiruak ari gara bideratzen.
news
argia-60c39836a5ef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/lanbide-arteko-gutxieneko-soldata.html
Letra txikiaren zepoan harrapatuta
Urko Apaolaza Avila
2018-01-28 00:00:00
Letra txikiaren zepoan harrapatuta Joan den larunbatean, hilak 20, Bergarako laugarren instrukzio-epaitegian deklaratu behar zuen Jesus Mari Txurrukak. Bere aitonaren anaia Hanburgoko kontzentrazio zelai batean hil zen 1945ean, eta birramona berriz, faxistek hil zuten bederatzi urte lehenago, Elgetako haren baserrian hotz-hotzean tirokaturik. Baina ez du deklaratuko. Ez berak ezta urtarrilean zehar epaitegitik igaro behar zuten frankismoko biktimen beste 13 senideek ere. Pasa den abenduaren 26an ekitaldi zaindu batean sinatu zuten Espainiako Gobernuak, CEOE eta Cepyme enpresarien elkarteek eta UGT eta CCOO sindikatuek gutxieneko soldataren inguruko akordioa: 2018an %4 igoko da, 2019an %5 eta 2020an %10. Egun 707 eurotan dena, 850 eurora iritsiko litzateke hiru urte barru beraz. Madrilgo argazkiarekin batasun eta adostasun irudia erakutsi nahi izan zuten, lan prekarietateaz kezka gero eta handiagoa denean: "Igoera ezartzeko, kontuan izan dira ekonomiaren baldintza orokorretan izandako hobekuntzak", azaldu du Espainiako Gobernuak errege-dekretua onartzerakoan. Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusiak, bere aldetik, esan du negoziazio kolektiboan soldata igoerak lortzeko "akuilu" gisa balioko duela akordioak. Baina azken orduan gehitutako klausulek eta letra txikiak agerian utzi dute, beste behin, botere ekonomikoek zepoan harrapatuta dituztela. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia garrantzitsua da, ez bakarrik hitzarmen bidezko soldatak ezartzeko, baita herritarrei oinarrizko errenta batzuk ziurtatzeko ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) gutxieneko soldatari lotua dago eta igoera horren arabera egin beharko litzateke teorian –praktikan ordea, DSBEak atzera egin du eta gutxieneko soldataren %88 izatetik %75 izatera igaro da hamar urtean–. Espainiako Estatuan, badira urteak laguntza sozialak neurtzeko beste indize bat erabiltzen dena: IPREM. Indize hori izoztuta dago eta abenduaren 26ko akordioak ez dakar haren igoerarik. Hala, gutxieneko soldataren eta laguntza sozialak jasotzen dituztenen arteko aldea handituz doa, herritarren zati bat bazterkeria sozialean erortzeko arriskua bezainbeste. Kritika zorrotzenak akordioaren letra txikiko bi zatik jaso dituzte. Alde batetik, igoerak ez die eragingo lanaldi partzialeko kontratua dutenei –ordaindu gabeko ordu estra gehien egiten dutenak, hain zuzen– eta autonomoei –enpresa bakarrarentzako aritzen diren autonomo faltsuak izanagatik ere–. Gainera, gutxieneko soldata erreferentzia gisa hartzen duten hitzarmen kolektiboetan ere ez da aplikatuko igoerarik. Orduan, zenbat langilez ari gara? CEOEk onartu du 136.000 eskas izango direla akordioaren onuradun zuzenak. Europako trenaren azken bagoian Nolanahi ere, igoerarik ez da izango Gizarte Segurantzan urtero 450.000 lagunek izena ematen ez badute eta Espainiako BPGa %2,5 ez bada hazten. Lehen baldintza erraz gaindituko dela dirudi, lan-merkatuaren prekarizatze basatiaren ondorioz –enplegu duin batetik bi edo hiru prekario egin daitezke oraingo legeekin–. Bigarrena bestelako kontua da. Kasik ziurra da aurten hazkundea %2,5ekoa izango dela, baina 2019an eta 2020an ez da horretara iritsiko, Europako Batzordeak egindako aurreikuspenen arabera. Eta hain justu azken urte horretan hitzartu da gutxieneko soldataren igoera handiena (%10). Baina batez ere baldintzak jartzeagatik beragatik jaso dituzte besoak zenbait ekonomialari kritikok: "Sinpleki, gutxieneko soldataren igoera ezin da hazkunde ekonomikoaren menpe egon. Herritarren eskubideez ari gara, demokraziaz, duintasunaz, pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontrako borrokaz…", azaldu du Fernando Luengo ekonomialariak La Marea egunkarian. Azken urteetako igoera handiena izango den arren, eskasa da oraindik, krisi garaian gutxieneko soldataren bikoitza garestitu baita bizitza. Europako Karta Sozialak dio gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan beharko lukeela. LABek 2014ko Eurostat-en datuak eskuan kalkulua egin zuen eta Hego Euskal Herrian %31ra ez zen iristen –Europako azken postuan legoke–; Espainiako Estatukoa %34,3 da eta Frantziako Estatukoa %47,9. Ipar Euskal Herriaren eta Hegoaldearen arteko aldea, prezioen zenbatekoa alde batera utzita, 701 eurokoa da (ikus goiko grafikoa). ELAk eta LABek gogor arbuiatu dute akordioa. Lehenak gogorarazi du Gobernuak aurrez erabakita zuela igoera eta, elkarrizketa soziala "faltsukeria" iruditu zaio. LABek esan du igoerak handiagoa behar duela izan eta "inolako baldintzarik gabea". Azken bi lan erreformen ondorioz gertaturiko prekarizatze masiboaren aurrean, ikusi dugun bezala halako akordioak ezdeusa dirudi soldaten igoera orokor bat ekartzeko, baina sikiera eztabaida hauspotzeko balio izango du: berrikitan Bartzelonako EADA negozio eskolak argitaratutako ikerketa baten arabera, 2017an langileek %0,27 ikusi zuten murrizturik euren soldata Espainiako Estatuan; enpresetako zuzendaritza karguek aldiz %0,28ko igoera izan zuten eta erdi mailako arduradunek %2,72koa.
news
argia-d086b7f85027
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/sustraiak.html
Sustraiak
David Bou
2018-01-28 00:00:00
Sustraiak Orain dela urte zenbait kontatu zidatenez, nire amonak ozta-ozta eta mirakuluz salbatu zuen bizia Gaztelako bere herriko plaza nagusian. Gerra Zibil bete-betean, jantzi gorriz joan zen iturrira ur bila, eta fusil nazionalek balaz josia izateko zorian izan zen zio horrengatik. Soldaduen "gorria, gorria" oihuek eta zalapartek ohartarazita, auzokide batzuk balkoira irten ziren eskatzera bakean utz zezaten, ezaguna zutela eta haren kargu egiten zirela. Guadalajara probintzian faxistek hil zituzten milaka pertsonek baino zori  handiago izan zuen nire amonak. Askatasunerantz bidea urratu zuen lurraldean ez zen Errepublikaren ez demokraziaren aztarnarik geratu. Den-dena suntsitu zuten, baita 40 urteko gau frankista luzarazteko izu eta isiltasun "errezeta" ezarri ere.     Lur errearen estrategiak suntsitutako eremuetan ezkerra ez zen loratu berriz ere, politika jendearen bizitzatik kentzea lortu zuten irabazleek. Pertsona horietako asko, nire ama bezala, bizitza hobeago baten bila joan ziren herritik, baina beti itzultzen dira beren etxea betiko izaten denera. Euren semeak, ni bezalakoak, gure haurtzaroaren parte handia bizi izan dugu galburu doratuz betetako soroetan lasterka, baita negarrez ibili ere itzulbidea antzeman gabe joaten ginenean.    Katalunian azken hilabeteotan gertatutakoaren ondoren, gure jatorrira itzultzean aurkitu genuenak kezkatu gintuen lehen aldiz. "A por ellos" delakoak izututa, urriaren 1eko borra-kolpeek minduta, TV3ren eta eskola katalanaren inguruko gezurrek haserre, ibilbidea zeharo bihurria egin zitzaigun.   Independentismoak eragindako "zatiketa soziala" delakoaren aitzakian jo eta ke gogaitu gaituzte, badirudi ametsa errealitate bihurtzea lortu dutela azkenik. Gorrotoa elikatu dute hurkoen artean, baita jendartea polarizatu ere, jakin baitakite gure arteko konfrontazioa dela herri honen nahia leherrarazteko modu bakarra, aniztasunarekiko errespetua kohesio faktore nagusia izatea lortu duena  Independentismoak eragindako "zatiketa soziala" delakoaren aitzakian jo eta ke gogaitu gaituzte, badirudi ametsa errealitate bihurtzea lortu dutela azkenik. Gorrotoa elikatu dute hurkoen artean, baita jendartea polarizatu ere, jakin baitakite gure arteko konfrontazioa dela herri honen nahia leherrarazteko modu bakarra, aniztasunarekiko errespetua kohesio faktore nagusia izatea lortu duena.   Behin honaino ailegatuta, Errepublika Katalanak bere populazioaren erdiaz baino gehiago erdiestea lortu ez arren, segi dezagun eraikitzen maitasunetik. Horrexek ekarri gaitu honaino eta horrexek bakarrik lagunduko digu aurrera egiten. Ez ditzagun inoiz kolpeak ahantzi, ezta irainak eta espetxeak ere, baina ez dezagun eragin –ezta desio ere– jasaten ari garen mina: mundu berri bat daramagu gure bihotzetan, gure baitan geratzeko heldu dena.     Bere balkoian bandera gorri-horia zintzilik paratzen duena ez da "fatxa" bat, eta Bartzelonako Metropoli-barrutian Ciutadans-i botoa eman dioten milaka eta milaka langileak ez dira "ez-jakinak" eta ez daude "manipulatuak" ere. Gure ardurei uko egiten badiegu, guri gustatuko litzaigukeen bezala pentsatzen ez dutenak demonizatuz eta estigmatizatuz, gu suntsitzeko darabilten espiral baztertzaile bera erabiliko dugu.   Duela bi aste, amaren herriko nire lagunek iragan hilabeteetan bizi izan nuenaren nire errelatoa entzun ahal izan zuten. Beharbada, ez dute nire ideiekin bat egiten, baina errespetatzen naute eta konfiantza dute nire azalpenetan. Egun horietan politikaz hitz egin dugu, eta hori, berez, lorpen bat da: horren alde bizia galdu zutenen memorian, gure eta etorriko direnen alde. Ez dakigu zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan, baina ziur naiz berriz ere, lehenago edo geroago, gorriz jantziko naizela, nire amona zena bezala, Espainiako Plazatik berriz ere pasatzeko. Ez dut inoiz onartuko beren gorrotoak nire sustraiak ustel ditzaten.
news
argia-d6c11fb6d8e1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/derrigorrezko-zerbitzu-militarra-berrezarriko-duela-adierazi-du-macronek.html
Derrigorrezko zerbitzu militarra berrezarriko duela adierazi du Macronek
ARGIA
2018-01-19 00:00:00
Derrigorrezko zerbitzu militarra berrezarriko duela adierazi du Macronek Frantziako presidente Emmanuel Macronek Toulmn itsasontzi baseko militarren aurrean adierazi du derrigorrezko zerbitzu militarra berrezartzeko asmoa, Le Nouvel Observateurrek aditzera eman duenez. Hala iradoki zuen hauteskunde kanpainan, baina orain arte ez zuen argipenik eman. Hauteskunde kanpainan adierazitakoaren arabera, soldaduzkak hilabeteko iraupena izango luke eta horri esker "frantziar guztien batasuna eta kohesioa sustatatzeko" baliagarria izango litzateke. 1997an indargabetu zuten Frantziako Estatuan derrigorrezko zerbitzu militarra, Jacques Chirac presidente ohiaren eskutik.
news
argia-4147bc8e6e10
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/etorriko-zenaren-iragarle-aberatsa.html
Etorriko zenaren iragarle aberatsa
Iker Barandiaran
2018-01-28 00:00:00
Etorriko zenaren iragarle aberatsa Xabier Montoiaren burutazioa izan zen (orduko) gazteek Mikel Laboak idatzitako kanten bertsioak egitea. IZk eta Elkarrek kaleratu zuten, Seaskarekin, eta dirua Iparraldeko Ikastolentzat bideratu zen. Iaz Elkarrek eta Seaskak berrargitaratu zuten, baina tamalez ia oharkabean pasa zen. Lan hau izan zen Laboak belaunaldien artean egindako zubi-lanari erreparatu zion lehena eta rockaren eremutik aitortza eta eskertza eman ziona bizirik zela. Lan honek irudikatzen du 90eko hamarkadaren etorrerak Euskal Herriko musika eszenara ekarri zuen aldaketa sakona, mugarria. Estiloen abanikoa erabat zabaldu eta suntsitzetik eraikitzera pasa zen. Adibide oso esanguratsua da Negu Gorriak-en agerpena disko honetan eman izana. Txerokee- n estreinatu zen taldea Gaberako aterpea biografikoarekin eta lehenengoz hip-hop-a euskaraz entzun ahal izan genuen. Baita zeresana ematen hasi edo ematekoak ziren beste hamar proiektu interesgarri ere: Su Ta Gar-en Jaiotze basatia labetik atera aurretik bero hartu zuen publikoak euskal tematika ( Haika mutil ) heavy eta speed-rockaren mugan txertatu izana. M-ak taldeak, rocka eta funkya batzen aitzindariak, erreboluzioak geldotu eta erdi tenpora eraman zuen Zaude lasai. Mutrikuko Delirium Tremens itsasotik urrundu eta Baztan- eko patxada rockarekin bizkortu zuen. Bukolikotik eta askatasunetik oraindik ere edaten duen Pottokak gitarra zorroztu zion Iturengo arotza- ri. Tapia eta Leturiak, Public Enemy -ren txapela jantzi bezperan, zantzuak erakutsi zituzten Lekeitioruntz-en triki, vals, tango eta erokeriaren mix-a eginez. Bap! taldeak Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak eman zituen euskal musika, erritmo dantza, tronpeta eta trikia jazz eta hardcorearen batutapean gozatzeko. Ederra! Herrikide zen Karkaxak ere hardcorea eta Laboaren ikuskera hurbildu zituen Haika mutil -en bitartez. Zarauzko Kiowakek Baga biga higa korapilatsua rock-saxo-and-roll irabiagailutik pasa zuen. Bukaera talde tolosarrak distortsioz jositako rock oso makurra landu zuen Ama hil zaigu piezari zentzu handiagoa emanez. Eta Angel G. Katarain soinu ingeniari eta ekoizle ezagunak garaian elektronikarekin jolastuz Txoria txori eta entzuleak hegan jarri zituen. n
news
argia-6a13f4de810d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/ez-txuri-ez-zuri-xuri.html
Ez txuri ez zuri, xuri
Jakoba Errekondo
2018-01-28 00:00:00
Ez txuri ez zuri, xuri Lore xuriak zituzten landareen izenen galdezka nuen azkenaldi honetan Joxe Anton Arze, euskal paisajista ederrenetakoa. Honezkero bere argi xuri minean da. Poeten lilipa ( Narcissus poeticus ), izar-belar arrunta ( Stelaria holostea ), elorri zuria ( Crataegus monogyna ), elorri beltza ( Prunus spinosa ), maaltza ( Pyrus pyraster ), asma-belarra ( Datura stramonium ), oilarana ( Prunus mahaleb ), Portugalgo erramua ( Prunus lusitanica ), itsas lilipa ( Pancratium maritimum ) sasiakazia ( Robinia pseudoakazia ), milorria ( Achillea millefolium ), sapelarra ( Stellaria media ), garraiska ( Melissa officinalis ), kala ( Zantedeschia aethiopica ), ezkiluntza edo ezkerte zuria ( Calystegia sepium ), axaxar edo ziurda edo ezkerte beltza ( Convulvulus arvensis ), ilarrak ( Pisum sativum ), sasiazaharra ( Philadelphus coronarius ), larre-lirioa edo mugetatzea ( Convalaria majalis ), atzaparra ( Lonicera periclymenum ), bebarkia ( Eruca vesicaria ), basaerratza ( Ruscus aculeatus ), igebelar zuria ( Nymphaea alba ), astamenda ( Mentha x rotundifolia ), erbi isatsa ( Lagurus ovatus ), erle-lore zuria ( Ophrys apifera var. albiflora ), nasailora ( Filipendula ulmari a), semelora (Filipendula vulgaris ), arkakaratsa ( Rosa canina ), otxar basatia ( Rubia peregrina ), jasmina edo kresmina ( Jasminum officinale ), San Joan lorea ( Leucanthemum vulgar e), oreganoa ( Origanum vulgare ), mendaroa ( Origanum majorana ), latxortena (Lobularia maritima ), itsabalki zuria ( Melilotus alba ), basa azenarioa ( Daucus carota var. carota ), basa bitxilorea ( Bellis perennis ), ziabelar latza ( Galium aparine ), ziabelar usainduna ( Galium odoratum ), artzain zakua ( Capsella bursa-pastoris ), gibel-belarra ( Hepatica nobilis var. pyrenaica ), basa urrelilia ( Crysantemum coronarium ), marrubia ( Fragaria vesca ), garikota ( Silene vulgari s), endalaharra ( Smilax aspera ), aihen zuria ( Clematis vitalba ), intsusa (Sambucus nigra) , intsusa gorria ( Sambucus recemosa ), andura edo txokarroa edo zauka-ziria edo ziaurria ( Sambucus ebulus ), harrautsi zuria ( Saxifraga granulata ), hiru hatzeko harrautsia ( Saxifraga tridactylites ), hirusta zuria ( Trifolium repens ), gaztainondoa ( Castanea sativa ), teilatu-belar zuria ( Sedum album ), estrepa zuria ( Cistus albidus ), mairu-belarra ( Solanum nigrum ), oiloesnea ( Ornithogalum umbellatum ), horma-belar sendakaria (Parietaria officinalis ), sorgin-baratxuria ( Allium vineale ), hartz-baratxuria ( Allium ursinum ), zuhandorra ( Cornus sanguinea ), gorostia (Ilex aquifolium) , basoetako mingotsa ( Oxalis acetosella ), baso eguerdililia ( Anemone nemorosa ), anbulua ( Asphodelus albus ), morroina edo borraia ( Borrago officinalis ), zurikatxa edo txilar zuria ( Erica arborea ), gurbitza ( Arbutus unedo ), ezkilalorea ( Campanula patula ), ardi-mihia ( Valerianella locusta ), xanpora ( Cardamine pratensis ), mendiko aingeru-belarra ( Angelica sylvestris )...
news
argia-6ff523709dd5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/sarraskia.html
Sarraskia
Itxaro Borda
2018-01-28 00:00:00
Sarraskia Emile Zolak la curée edo sarraskia deitzen zion 1871ko Commune haren ondotik Paris bere iraultzari anarkistez garbitzeko Thiers burgesaren soldaduek eraman hilketa eta bortizkeria oldeari. Odola isuri zen, Kanakiara (Kaledonia Berria) igorri ziren buruzagiak, Louise Michel handia barne. Gure historia da. Notre Dame des Landesko Defentsarako Gunea menturaz hustua dateke zutabe hau irakurriko duzunerako –edo ez, nork daki–. Naoned-eko (Nantes) aireportuaren emendatzea ekiditeko, 2009az geroztik, bertan egitura sozial berria errotu da, ekonomia gurbilaren praktika, bizimodu eta harreman ezberdinen eredua, kontsumo gizarte frustratuaren bihotzean. Baina botereak eta enpresa multinazionalek ez dute afera begi onez ikusten eta erasorako prestatzen dira. Hala ere, aitzinetik aburu-ikerketa bat egin dute eta kazeta guztietan ageri dira emaitzak: frantsesen %62 hippy gisako kide alferrak indarrez eta bortxaz hortik kanporatzearen alde daude. Jakina, jende arruntak ez du maite bera bezala bizi ez dena, eguneroko gorotzean itotzen ez doana, Lactalis -en esne zitala edaten ez duena, lanera diesel autoarekin ez datorrena, jende arruntak ez omen du ezer maite. Sarraskia, ezberdinen kontura, hori aldiz bai, maite du.
news
argia-3a00374139ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/oscar-temaru-polinesiako-politikari-eta-aktibista.html
"Nazio hau ez zitzaien modu baketsuan eman frantziarrei, beraiek dioten moduan"
Amaia Zabala Tolosa
2018-01-28 00:00:00
"Nazio hau ez zitzaien modu baketsuan eman frantziarrei, beraiek dioten moduan" Oscar Temaru politikari eta aktibistak (Tahiti, Polinesia Frantsesa, 1944) bizitza osoa eskaini dio bere nazioari. Polinesiaren Askatasunerako Frontea sortu zuen 1979an, Polinesiako presidente izan zen 2004-2013 artean, eta 34 urte daramatza Faa Polinesiako komunitaterik handieneko alkate. Bi helburu ditu: Frantziak Moruroa uhartean eginiko proba nuklearrak munduan salatzea eta Frantziarengandik independentzia lortzea. Polinesiako 118 uharteetako bat da Moruroa, Tahititik 1.250 kilometrora. Frantziak proba nuklearrak hasi zituen han 1960ko hamarkadan eta handik gutxira eraginak sufritzen hasi zineten. Moruroa klima mediterraneoko irla zoragarria zen, arrantzatzera joan ohi ginen bertara. Eta bat-batean, gauza arraroak gertatzen hasi ziren: kokoak erortzen, zuhaitzak ihartzen, arrainak hiltzen… Paisaia guztia horitu zen, eta "ur hauek kutsatuta daude" idatzita zuten seinaleak jarri zituzten. Guk elkarri begiratzen genion beldurrez, kutsaduraren zergatia ulertu ezinik. Ez albisteetan ez inon ez zuten horren berri ematen. Pixkanaka, Moruroara sartzeko segurtasun neurriak handitzen joan ziren eta ezin zen argazki kamerarik eraman. Iristean kutsadura neurtzeko aparatu bat zeneukan eskuragarri, baina irteeran bertan utzi behar zenuen. Polinesiarrok arraina jatea izugarri maite dugu eta askok eta askok Moruroako uretan arrantzatzen jarraitu zuten. Gorpu mordoa aurkitu zituzten urteetan eta Frantziara bidali ziren azalpenak eskatuz. Haiek ordea, inongo azalpenik eman gabe hilkutxetan itzuli zituzten. Hau guztia ikusita, munduari gertatzen ari zena kontatzeko sekulako beharra sentitu nuen. "Moruroa irla zoragarria zen, eta bat-batean gauza arraroak gertatzen hasi ziren: kokoak erortzen, zuhaitzak ihartzen, arrainak hiltzen... Paisaia guztia horitu zen" Gertaera horiek bultzatu zintuzten politika egitera? Zehazki politika ez. Gure herriarengatik eta jendearengatik egin nuen, gure osasunagatik. Garai hartan zientzialari batzuk ezagutu nituen, horien artean Marie-Thérese Danielsson andere frantziarra eta Bengt Danielsson jauna, suediarra. Antropologo eta aktibista bikote honek ederki ezagutzen zuen lekua, eta hainbat hitzaldi eman zuten munduan zehar, Moruroako kasuaz. Moruroa mon amour liburua ere publikatu zuten. Beraiek izan ziren kutsaduraren arrazoiak azaldu zizkidaten lehen pertsonak: Frantzia proba nuklearrak egiteko erabiltzen ari zela gure herria. Bagenekien oso arriskutsua zela hau salatzen hastea eta Frantziak ahal zuen guztia egingo zuela eragozteko, baina ezin genuen isilik gelditu. Zuen lehen pausoetako bat izan zen Nazio Batuen Erakundean salatzea. 1978an antolatu genuen lehen bidaia New Yorkera, Kaledonia Berriko ordezkariekin batera, beraiek ere Frantziarengandiko askatasuna lortzeko borrokan ari baitira. Frantziak, baina, agerraldia eragotzi nahi zuen. Bidaia bezperan, Tahitin lanean ari zen funtzionario frantziar bat etorri zitzaidan iluntzean bulegora, eta ohartarazi zidan New Yorkera nuen hegazkina ez hartzeko, aireportuko kontrolean nire maletan droga sartuko zutela eta jendarmeak zain izango nituela kanpoan atxilotu eta kartzelara eramateko. Kontatu zidanez, bere nagusiak izan zuen ezohiko bisita batengatik jakin zuen plana, eta niri abisatzera etorri zen. Eskerrak eman nizkion eta ez nintzen joan aireportura, noski. Gizona duela hiru urte hil zen eta orduan kontatu nuen lehen aldiz gertaera hau. Ez nuen urteetan bere berririk izan, baina 2004an Frantziara egin nuen bidaia batean bisitatu eta berriro ere eskerrak emateko aprobetxatu nuen. Oscar Temaru, alboan Amaia Zabala eta Moetai Brotherson dituela. Alderdikidea du Brotherson, Frantziako parlamentuan diputatu. Gertaera horrek ez zintuen kikildu. Ez, urtero martxoko lehen astean manifestazioak antolatzen hasi ginen. Batzuetan Tahitin eta besteetan Marshall Uharteetan, estatubatuarrek bertako Bikini atoloian egin zituzten proba nuklearrak direla-eta elkartasuna erakusteko. Gogoan dut lehen aldia kalean protestan, hamabost lagun inguru soilik izango ginen. Batzuek erotuta geundela pentsatzen zuten. Guk ordea antolatzen jarraitu genuen eta urtez urte gero eta gehiago ginen. Pixkanaka munduan zehar ere protestak eta hitzaldiak antolatzen hasi ginen. New Yorkera esaterako, urtean behin hogei bat lagun joaten ginen Nazio Batuen Erakundearen aurrean hitz egitera. Frantziako ordezkaritza ez zen azaltzen hitzaldi hauetara. 1995ean proba nuklearren aurka sekulako protesta egin zen Papeeten, Tahitiko hiriburuan. Azken protesta handia izan zen. Frantziako presidente zen garaian François Mitterrandek proba nuklearrak gelditu zituen, baina 1995ean Jacques Chirac agintera iritsi eta probak berrabiarazi zituen. Sekulako protestak antolatu genituen, mundu guztiko jendea etorri zen: Japonia, Europa, AEBak, Zeelanda Berria, Australia... Frantsesen agintepean zeuden hiriko hainbat eraikini su eman zitzaien, horien artean aireportuari. Ondorioz, jende asko kartzelaratu zuten eta behartu zituzten esatera ni nintzela antolatzailea, berriro ere ni kartzelaratu ahal izateko. Baina gertatutakoaren errudun bakarra Frantziako Gobernua zela deklaratu zuten atxilotuek. Eta hainbat urtetako borrokaren ondoren, Polinesiako presidente izatera iritsi zinen. Ordura arteko Polinesiako presidentea, Gaston Floos, Jacques Chirac-en lagun mina zen eta albisteetan behin eta berriro irakur zitekeen bien arteko harremana zein ona zen eta aurreikuspenen arabera urteetan jarraituko zuela gure nazioko presidente izaten. Egoera hori aldatzeko, erabaki genuen Polinesiako partidu txiki guztiekin bat egitea, eta 2004an lehen aldiz hauteskundeak irabazi genituen. Frantziako Gobernuak ez zuen hori onartu eta deklaratu zuen Polinesian hauteskundeak ez zirela bukatu. Berriro kontatu zituzten boto guztiak. Bigarren deklarazioa izan zen esatea Polinesiari diru-iturri guztiak moztuko zizkiotela. Nik honela erantzun nien: "Iturriko kanila itxiko diguzue, baina euriak jarraituko du guri ura ematen eta beti izango dugu zerbait emateko". Ez zituzten inoiz onartu hauteskundeen emaitzak eta sei hilabetera berriro konbokatu zituzten. 2004tik 2013ra bost aldiz izan ziren hauteskundeak eta bostak irabazi genituen. Urte konplikatuak izan ziren, baina Nelson Mandelak dioen bezala, askatasunerako bidea ez da erraza. "Hauteskundeak irabazi genituen, baina Frantziak ez zuen onartu eta sei hilabetera berriro deitu zituzten. 2004tik 2013ra bost hauteskunde, eta bostak irabazi genituen" Erreferente politikotzat daukazu Nelson Mandela? Bai, jakina. 1996an aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen. Kartzelatik irtetean egin zuen lehendabiziko bidaietako bat Zeelanda Berrira egin zuen, bertako All Blacks errugbi selekzioari eskerrak emateko, Hegoafrikako Apartheid sistemaren aurka zeudela erakusteko lehenak izan baitziren Munduko Kopako finalean Hegoafrikako selekzioaren aurka jokatzeari uko egiten. Bidaia hori aprobetxatu nuen Mandelarekin egoteko, eta proba nuklearren aurka generaman borrokaz hitz egin nion. Orduan aprobetxatu nuen esateko Tahitiko kale bati bere izena jarriko geniola. Eta hil zen egunean Faako kale nagusia Nelson Mandela hiribidea izendatu genuen. 2013an lortu zenuten Nazio Batuen Erakundeak duen deskolonizatu beharreko herrialdeen zerrendan berriz agertzea. 1946an Deskolonizazio Batzordea sortu zuen NBEk, baina urtebete soilik iraun genuen zerrenda horretan, Frantziak kentzea lortu baitzuen. Urteetan eskatu diegu laguntza Frantziaren proba nuklearrak gelditzen laguntzeko eta zerrendan egon gabe ezin zigutela lagundu esaten ziguten. Azkenean, urteetan kalean eginiko protestei, lider politikoei egindako eskaerei eta munduan emandako hitzaldi guztiei esker zerrendan berragertzea lortu dugu. Hain juxtu urte berean, Moruroako proba nuklearretan lanean aritu ziren langileen elkartea konpentsazio eske altxatu zen, eragindako osasun kalteengatik. Baina Frantziako Gobernuak agiriak eskatu dizkie, osasun arazoak proba nuklearrek eragindakoak direla frogatzeko. "Macroni gutuna idatzi diot, NBEk agindu bezala deskolonizazio prozesuarekin hasi behar duela esanez" Dagoeneko lau urte dira zerrenda horretan zaudetela. Aurrerapausorik eman al du NBEk? 2016an Asanblada Nagusiak ebazpen bat argitaratu zuen, esanez Polinesiak bere nazioko baliabide guztien kudeaketarako eskubidea duela eta Frantziak horien agintea eman behar diola. Bestalde, ebazpen horretan lehen aldiz Frantziari proba nuklearrek sortutako osasun arazo eta kalte ekonomikoen inguruko informazioa eskatu dio. Frantziak, noski, oso gaizki hartu du, asko gustatzen baitzaie moralizatzaile papera betetzea eta munduari aholkuak ematen aritzea.  Eta zein da egungo Polinesiako Gobernuaren jarrera gai honekiko? Edouard Fritch Polinesiako presidentea duela bi urte New Yorken izan zen nazioarteko komunitateari adierazten Frantziaren eta Polinesiaren arteko harremana oso ona dela eta proba nuklearren gaia konpondua dagoela. Berdin haren aitaginarreba, urteetan Polinesiako presidente izan den Gaston Floose: mundu guztian ibili da esanez proba nuklearren kutsadura guztia garbitu dela dagoeneko. Probak babestu eta ezkutatzen dituzte. Baina kutsaduraren eragina urteetan sufritu duzue polinesiarrek. 1966an egin zituzten lehen proba nuklearrak eta urte batzuetara gaixotasun berri eta ezezagunak iritsi ziren Polinesiara. Mota ugariko minbizi kasu mordoa esaterako. Gaixoen tratamendua eta kutsaduraren garbiketa 50-60 bilioi franko kostatu da urteko. Gu biktimak gara, Frantzia egin beharko litzateke gastu hauen kargu. Moruroan natura purua zen eta gaur egun gerraontziz betetako uharte desertua da. Frantziak 176 proba nuklear egin zituen Moruroako atoloian, eta gaur egun oraindik handia da erradiazio kutsadura, adituen arabera. Emmanuel Macroni gutuna idatzi diozu kargura iritsi eta berehala. Lehendabizi eskerrak eman nizkion bere kanpainan Aljeriako gerra eta kolonizazioa humanitatearen aurkako krimena izan zela esateagatik. Baina bere horretan geratu ziren deklarazioak; dirudienez Aljeriatik Pariserako bidean Frantzia osoaren presioa jaso zuen. Bide batez aprobetxatu nuen esateko NBEk agindu bezala deskolonizazio prozesuarekin hasi behar zuela. Faako aireportua Frantziaren kontrolpean egotetik bertako komunitatearen kudeaketara igarotzea, esaterako. Gutuna jaso orduko Macron Polinesiako presidentearekin bildu zen eta Faako aireportua bertako komunitateak ez baina Polinesiako Gobernuak kudeatua izateko prozesua hasiko dutela adierazi zion. "Primeran –esan nion–, baina aireportuko zuzendaritzan Frantziak gehiengo izaten jarraituko al du?", galdetu nion, eta baietz erantzun zidan. Orduan gauzak ez dira aldatzen; frantziarrek jarraituko dute erabakiak hartzen. Zenbaterainoko autonomia du Polinesiak eta zer da zuen alderdi politikotik (Polinesiaren Askatasunerako Frontea) eskatzen duzuena? Konstituzioaren arabera Frantziako gainontzeko departamenduen maila berean gaude; 1977an Autonomia Estatutua eman zitzaigun eta hori lorpen handia izan zen. Baina hala eta guztiz ere, Frantziak gure nazioaren kontrol guztia izaten jarraitzen du eta guk erabateko independentzia aldarrikatzen dugu. Ilusio handiz ari gara jarraitzen Kataluniako prozesua eta Frantziako Parlamentuan ditugun hiru diputatuek Kataluniako prozesua babesteko manifestua atera zuten. Saiatu zarete inoiz erreferendumik egiten? Gure herria okupatzera etorri zirenean ez zen erreferendumik egin; 1942an etorri eta gerra izan zen, gure jendearen eta Frantziako soldaduen arteko borroka, Polinesiako bost artxipelagoetan. Nazio hau ez zen modu baketsuan emana izan frantziarrei, beraiek dioten moduan. Papeeteko hilerri nagusian, gerran hil ziren soldadu eta itsas-gizon frantsesen omenez eginiko monumentua dago. 1995ean, guk beste bat eraiki genuen Faako hilerrian, borroka honetan urtetan bizitza galdu zuten gure aitzindarien omenez. Behin baino gehiagotan salatu duzu bizi-maila oso garestia dela tahitiarrentzat. Polinesian dugun zerga sistema ez da batere onuragarria guretzat: inportatutako produktu ugari jasotzen dugu hemen eta zerga oso altua daukatenez, prezioa izugarri igotzen da. Gure programa politikoaren puntu nagusienetako bat da bertako baliabideak garatzea, inportatutako produktuekiko hainbesteko menpekotasunik ez izateko. Tahitiera hizkuntza ofiziala al da? Hau beste arazo handi bat da. Urteak daramatzagu hizkuntza ofiziala izan dadin borrokatzen, baina hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Hori dela-eta, belaunaldi gazteen artean apenas hitz egiten da tahitieraz. Frantzesez ikasten dute eta inguruan guztia frantses hutsean dute, baita hedabideak ere. Gogorra da, baina errealitatea da. Horregatik, Macronek dionenean kolonizazioa humanitatearen aurkako krimena dela, gogorarazten diot Aljerian bakarrik ez, Polinesian ere hala dela. Eskoletan tahitieraz ikasteko aukerarik bada? Gu eskolara joaten hasi ginenean debekatuta zegoen tahitieraz hitz egitea. Orain, Lehen Hezkuntzara arte soilik ikas daiteke tahitieraz. Oso denbora laburra da, ez da nahikoa. Hainbat akademikorekin hitz egin dut horretaz eta argi daukagu algebra, aritmetika, biologia, literatura… Guztia erakutsi daitekeela tahitieraz.
news
argia-3a8f1cc96d48
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/antikiterako-altxor-agorrezina.html
Antikiterako altxor agorrezina
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-01-28 00:00:00
Antikiterako altxor agorrezina 1900 eta 1901 artean, Greziako Antikitera uharte inguruko naufragio batean Antikiterako Mekanismoa deritzon pieza aurkitu zuten, K.a. 150-100 urteen ingurukoa. Oraindik ez dago erabat garbi gailuaren funtzioa, baina adituen esanetan, konputagailu analogikoa zen, kokapen astronomikoak eta eklipseak aurreikusteko diseinatua. Ontzi-hondarretan aurkitutako objekturik preziatuena izanagatik, ez da bakarra. Ehun urtetik gora pasa dira aurkitu zutenetik eta oraindik urpeko arkeologia lanak emaitzak ematen ari dira. 2017ko kanpainan aurkitutako 37 pieza daude orain ikusgai Pireon, Atenasko portuan, uretan sartuta oraindik, gatzgabetze prozesu mantsoa errespetatuz.
news
argia-b7e1d61ab739
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2584/irazokiren-ispiluak.html
Irazokiren ispiluak
Fermin Erbiti
2018-01-28 00:00:00
Irazokiren ispiluak Iruñeko TVEren egoitzan ezagutu nuen, duela ia hogeita hamar urte. Ni etxe hartan egiten zen lehen (eta azken) euskarazko saioaren arduraduna nintzen. Astean Behin programara gonbidatua nuen olerkaria: Francisco Javier Irazoki. Tipo txikia zen, bizarduna; janzkeran-eta, ordurako zaharkitua zegoen hippy itxurakoa. Telebistaz eta poesiaz gutxi zekien kazetari gazteari gizon misteriotsua, isila, atsegina eta sentibera iruditu zitzaion. Oker ez banaiz, EHUk argitaratzen zuen olerki bildumako ale elebidun haietakoa eskainia zion, gaztelaniazko poemen parean euskarazko itzulpena ere emanez. Eskarmentu gutxikoa izanagatik, aurkezleak bazuen kazetaritzaren oinarrizko lezioaren berri: komunikazioak funtzionatuko badu, kode bera erabiltzen duten solaskideak behar dira. Oinarrizkoak huts eginda, jakina, hura nekez izan zitekeen elkarrizketa gogoangarria. Nuccio Ordine filosofoak L´utilità dell´inutile liburu interesgarrian berehalako etekina ematen ez diguten jakintzak aldarrikatzen ditu, poesia horien artean: "Poesiaren barnean bada lurrin moduko bat, edo argi bat, guztion gozagarri. Baina horretaz ohartzeko, eta horrekin gozatzeko, beharrezkoa da trebatze lan bat egitea". Poesia liburuen ale kopuruari erreparatzea aski da konturatzeko: gehienok egin gabe daukagu trebatze lan hori. Kontua da olerkaria, handik gutxira, Euskal Herria utzi eta Parisa joan zela. Gure mendialdeko paradisuek infernu handiak ezkutatzen dituztela esana zigun prosa itxurako poema liburu batean. Geroztik, Frantziako hiriburuan bizi da literaturari eta musikari emana, noizean behin kritikaren txaloa merezi duten liburu bitxiak argitaratuz. Azkenak Ciento noventa espejos du izenburu, beste horrenbeste hitzez osaturiko testuekin egina. Urte berriko helburuen zerrendan sartu bainuen hutsen aitortza, onartu eginen dut: Savater, Aranburu eta beste batzuen lausenguak irakurrita kosta egin zitzaidan liburua erostea.   Ez naiz damutu. Lesakarrak "prosan idatziriko sonetotzat" hartzen dituen testuotan era askotako gaiei buruzko hausnarketak daude: irakaspenak, bidaiak, literatura, musika, lagunak… Eta hori dena lerroetan barna eroso eramaten gaituen gaztelania ederrean idatzia. Irazokirenak poliki zizelkaturiko testuak dira, pazientzia handiko artisau batenak: handik eta hemendik kendu, mezua ahalik eta argien eta dotoreen emateko. Gozatu egin dut lesakarraren ispiluekin, alean utzi dudan azpimarra kopuruak erakusten duen bezala. Horietakoren batekin amaitzea pentsatua banuen ere, ez da posible. Haren testuak 190 hitzetara mugatuak dauden bezala, lerrook sinatzen dituenak ezin du 330eko marra gainditu.
news
argia-9bb33e63b010
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/nanni-balestrini-idazlea.html
"Matxinadak ez dira paperean asmatzen, ekinez baizik: borrokak eginez dakizu nola borrokatu"
Maria Colera Intxausti
2016-06-26 00:00:00
"Matxinadak ez dira paperean asmatzen, ekinez baizik: borrokak eginez dakizu nola borrokatu" Esperimentatzea gustatzen zaio Nanni Balestrini idazle italiarrari. 1935ean Milanen jaioa, ibilbide luzeko poeta, nobelagile eta saiogilea, ez dira letretakoak atsegin dituen esperimentu bakarrak: bere fikzioa da, segur aski, joan den mendeko bigarren erdiko mugimendu iraultzaile italiar berritzaileen kronika biziena. Bartzelonako Literal Liburu eta Ideia Erradikalen Azokan izan dugu harekin hitz egiteko aukera. "Berrogei mila auzipetu, hamabost mila espetxetatik paseak, sei mila zigortu… Zenbaki horien atzean 'espetxe bereziak', tortura, isolamendua, bi belaunaldietako onena isiltasunera bideratuta". Horrela laburbildu zenuen Italiako "'demokrazia' defendatzeko operazio bikaina", Primo Moronirekin batera idatzitako L'orda d'oro (1968-1977). La grande ondata rivoluzionaria e creativa, politica ed esistenziale saiakeran. Urte haietatik zer gelditzen da egungo demokrazia italiarrean? Nork hartu du orduko lekukoa? Zerrenda luze horretan gauza gehiago erantsi behar dira: 70eko urteen amaieran, "70eko mugimendua"-ren amaiera ekarri zuen errepresio handiari jarraiki, orduko burkide askok beren buruaz beste egin zuten, ezinezkoa iruditzen baitzitzaien garai eder hark amaiera izatea eta zerbait askoz txarragoa etortzea gainera. Gaur egun sinestezina dirudi, baina suizidio asko izan zen, bereziki gazteenen artean, "77ko mugimendua" delakoa bizi izan zutenen artean. Dagoeneko unibertsitatean zebilen 68koaz bestelako belaunaldia zen hura, 76-77 urte inguruan 15-16 urte zeuzkaten haiek gazteentzat ezin ederragoa zen bizimodu berria aurkitu zuten bat-batean, eta zorion handiz bizi izan zuten, gauzak elkarrekin egiteak dakarren pozaz, elkarrekin bizi eta dena modu kolektiboan egitearen poztasunaz. Goizetik gauera bukatu egin zen hori guztia, baina bizitza horrelakoa zela pentsatzen zuten gazte haiek. Bat-batean hori guztia kendu zietenean, etsipen betea iritsi zen. Gauza gehiago gertatu zen, ordea. Beste asko den-dena ahazten saiatu ziren, etsipen haren ordezkoak bilatzen, eta heroinaren bidea hartu zuten, bazter guztietara zabaldua baitzen, nahita seguruenik. Bi belaunaldi galdu ziren horrela, bizitzatik eta italiar mundutik desagertuta: mugimenduan parte hartzen zuen jendea zen, borrokatzen zen jendea, jenderik bizkorren eta ausartena, irudimen handiena zeukana… Ikaragarria izan zen, beldurgarria, eta Italiak burua jaso ezinik jarraitzen du ordutik, kakan murgilduta, herritarrak bere onera etorri ezinik. Ez da orduko ekinbide politiko eta sozial hura suspertzeko gai izan den belaunaldirik sortu. Ez al zuen inork lekukoa hartu? Galdera korapilatsua da hori, eta bi ikuspegitatik heldu behar zaio: batetik, 70eko hamarkadako borrokak gertatu ziren testuinguru berezia hartu behar dugu kontuan. Hura guztia 1968 eta gero gertatu zen, autoritarismoaren aurka eta askapenaren alde borrokatu zen garai haren ondoren. Era guztietako lorpenak izan ziren orduan, feminismoa sortu zen, auzitan jarri zen familia-eredua, emakumeen eta gizonen arteko erlazioak… eta gaur egun bizi dugun bizimodu modernoa finkatu zen. Zuek ezin duzue imajinatu gauzak nola ziren 68a baino lehen, gazteak nola bizi ziren, familiak nola bizi ziren… Guztiz bestelakoa zen dena. Aldaketa hura gertatu zen, beraz, eta hori izan zen urte haietako lehen zatia. Bestetik, politikarekin lotura zuzenagoa zeukan aldea zegoen, langile-borrokekin lotura zeukana, baina horrek ez du loturarik gaur egun dugunarekin, guztiz bestelako mundua baitzen ordukoa: ekoizpenaren mundua, industriaren mundua, eta hori guztia erabat aldatu da, fabrikak joan egin dira, ez dago orduko langile-klaserik, eta abar; eta, beraz, gaur egun orduko gauza berak egin daitezkeela pentsatzea okerra da eta are, arriskutsua ere bada. Urte haietako irakaspenak, baina, kontuan har ditzakegu. Historiako garai batzuetan matxinatzeko aukera egoten da, eta orduan egokia eta bidezkoa izaten da matxinatzea. Historian gertatu dira halakoak: Frantziako Iraultza gertatu zen, Boltxebikeen Iraultza… Italiako 1970ekoa ez zen iraultza handia izan, matxinada-saiakera baizik, une jakin batean gertatu zena, eta gazteen parte-hartze handia izan zuena. Horri berriz heltzea dago, baina ez eduki berarekin edo modu berean, gauzak zeharo aldatu dira eta. Modu berriak aurkitu beharra dago, beraz, modu berriak mito zahar haietan… Gogoan dut nola 1970eko hamarkadan taldetxo asko eta asko zegoen, era guztietako talde politikoak, bazeuden maoistak, Maok Txinan egin zuena egin beharra zegoela uste zutenak, baina horrek ez du zentzurik. Beste batzuek Errusiakoa bezalako iraultza egin behar zela pentsatzen zuten, halakoak egin behar zirela… Ez. Garai bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere molde bereziak, eta errealitatea denaren arabera kolpekatu beharra dago, ez fantasia historikoak agintzen digunaren arabera. "Gaur egun 1970eko hamarkadako gauza berak egin daitezkeela pentsatzea okerra da. Urte haietako irakaspenak, baina, kontuan har ditzakegu" Gli invisibili n (Ikusezinak) isiltasuna hautsi beharraz hitz egiten duzu: "hitz egin hitz egin hainbeste gauzez hitz egin denari buruz hitz egin azkenik hitz egin". Liburua mintzakiderik gabe amaitzen da, ordea, protagonistaren hitz hauekin: "ezinezkoa da zuek zaudeten hilerri erraldoia baino ez egotea kanpoan entzuten nauzue ez dut entzuten ez zaituztet entzuten dagoeneko ez dut ezer entzuten". Osatu al gara "ezer ez" horretatik? Ba al da inor beste aldean, ba al da hilerri erraldoi horren aurka borrokatu nahi denik? Espetxean dagoelako dio hori, eta kanpoaldearekin komunikatu nahi du, eta agerikoa denez ezinezkoa da, baina era berean gaur egun gertatzen denaren irudia ere izan daiteke. Zera galdetzen nuen orduan: ba al da komunikatzeko aukerarik? Erantzuna zeuon esku dago. Gutako bakoitzak egiten dugunaren esku, alegia. Erantzunak ez baitira berez etortzen, beren kabuz bezala, politika egitetik baizik, zentzu sozial eta kolektiboan. Subjektibotasunetik abiatzen den ekimen bat behar da, inguratzen gaituzten egoerekin bat datorrena. Ezin egon gaitezke ahotsen batek deituko gaituen zain. Geu gara gure borrokekin bat egingo duten beste batzuen bila abiatu behar garenak. La violenza illustrata k (Indarkeria ilustratua) demokrazia burgesak berezkoa duen indarkeriaren fintasuna erakusten digu: kapitalismoaren baldintza ezinbesteko diren esplotazio, suntsiketa eta heriotzaren normaltasuna, indarkeria iraultzailearen aurrez aurre jarrita. Nola ikusten duzu kapitalismoaren egungo fasea, krisian sartzearekin batera hipokrisia bakezalearen maskara kendu eta bai gerraren bai neofaxismoaren tresnak erabiltzen hasi den honetan? Hala da, bai, liburu hori kapitalismoak eta botere burgesak darabilten propagandan oinarrituta dago, haien indarkeria ilustratuan, hain zuzen ere, liburuko testu guztiak egunkarietan irakurtzen diren gauzetan oinarrituta baitaude. Testu horiek auzitan jartzen saiatu nintzen, testu horiek deskonposatzen, ulertarazteko esaten duten guztia gezurra dela eta gauzak esparru jakin baten barruan kokatzen dituztela, beste esanahi bat emateko helburuz. Informazioaren aurkako indarkeria da hori, iritzi publikoa eraikitzeko eta manipulatzeko halako tentsio bat, botereak egiten duen guztiaren alderdi negatiboak ezabatu eta onak bakarrik erakusteko eragiketa, nahiz eta berez alderdi positibo horiek existitu ez. Munduan gertatzen denaren irakurketa gisa aurkezten zaigun horrek guztiz bortxatzen gaitu, bere indarkeria horren bidez. Gauzak, baina, hedabideek esaten digutenaz bestelakoak dira, errealitatea itxuraldatu egiten dute hedabideek, gu menderatu, oinperatu eta esklabo bihurtzeko. "Historiako garai batzuetan matxinatzeko aukera egoten da, eta orduan egokia eta bidezkoa izaten da matxinatzea" Vogliamo tutto (Dena nahi dugu) liburuan dena posible zen borroka-garai bat aurkezten zaigu. Ugazabak mendean hartzeko itxaropenez hilabeteetan zehar zerua asaltoz hartu eta dena lortzeko borrokatu eta gero, "zeruertzean altxatzen den eguzki gorrixka eder bat"-ekin amaitzen da soldatapeko lanak berekin dakarren indarkeriaren deskribapenik soilen eta aldi berean zorrotzenetako bat dakarkigun kontakizuna. Zer egin daiteke gaur egun soldatapeko esklabotzaren indargabetzea gure borroken erdigunean jartzeko? Irribarrez ageri den eguzkia… Eguzkiaren erreferentzia hori ironiko samarra da, garai hartako literatura komunista etorkizuneko eguzkiaz mintzatzen baitzen, eta horregatik ageri da etorkizuneko eguzki hori. Eguzki horretaz ari da pertsonaia. Autoironiko samarra da, baina, zera esaten baitu: "Ederki, borrokatu gara poliziaren kontra, egin dugu greba hau eta borroka hau, eta abar, eta orain kito, beste fase batean gaude orain, gero ikusiko dugu…". Gaur egun zer egin ez zaio, baina, hari edo niri galdetu behar, ni ez bainaiz inolako teorialari politikoa, neure liburuak gauzak gertatu eta gero idatzi ditut beti, ez da izan aurrena nik liburuak idatzi eta gero jendea gauzak egiteari lotu zaiola. Nahiko nuke hori egin ahal izatea! Are hobeto, esadazue zer egin behar den, eta nik gero liburu bat idatziko dizuet! Hementxe nago, zain! Lehen esan dudan moduan, egoera guztiz aldatu da, bestelakoa da zeharo, gaur egungo lana ez dago fabriketan, automatizazioa daukagu, makinak, ordenagailuak, denbora eta pertsonak mugatzen dituzten era guztietako gailuak daude, lan-denbora eta lanetik kanpokoa bereizten ziren garaiko mugak ezabatzen dituzten gailuak. Jendea orain egunero, orduro dago ekoizpen-ziklo horretan murgilduta… eta zerbait egin beharra dago, bai, baina jakintza kolektibotik abiatuta, ez teorialari handiren baten mende egonda. Marxek berak ere ez zuen borrokak irabazteko modua asmatu berez, borrokak deskribatu egin zituen, haien deskribapena egin zuen, baina ez zuen esan egoera bakoitzean zer egin behar den. Eta gauza hauek ez dira paperean asmatzen, ekinez baizik: borrokak eginez dakizu nola borrokatu; ez da aurrena eskuliburua eta gero "ea bada, egin dezagun hori"… Ez da antzerki liburuekin bezala gertatzen, badaukazula testua eta gero testu hori interpretatzen duzula. Nik behintzat hala ikusten dut, gero egon daitezke teorialariak, filosofoak, jarraibide onak emateko eta… Baina gauzak ekintza kolektibotik sortzen dira, zerbait egin beharra dagoela ikusi eta masek gauzak asmatzeari ekiten diotenean, borrokak asmatzen dituen burmuin kolektibo handiari esker. Hala gertatu zen Vogliamo tutto ko borrokak izan zirenean, egunero sortzen ziren borrokak ziren. Adierazgarria da zure pertsonaia gehienek ez dutela izen berezirik, subjektu kolektibo bat gorpuzten baitute, ni indibidualaren sublimazioaren garaian, hain zuzen ere. Zein subjektu kolektibotako kide sentitzen zara gaur egun? Eta nori zuzentzen diozu eta nondik idazten duzu zure obra? Erantzuten zail samarra da hori. Idazleen subjektu kolektiboko kide sentitzen naiz, nik, idazlea naizen aldetik, idatzi egiten baitut, nagusiki; nahi dudana idazten dut, nahi dudana idazteko askatasuna daukat: idatz nitzake maitasun-istorioak edo idatz nezake langile-borrokei buruzko eleberri bat, eta azken hori aukeratu izan dut, baina hori idazle gisa egiten dut, ez langile gisa. Eta bitxia gertatzen da, lehen pertsonan idatzitako liburu bat argitaratu eta gero, jende inuzente samarra etorri izan baitzait esanez: "latza behar zuen Fiaten lanean zenbiltzanean". "Ez, begira, ez naiz inoiz Fiateko langilea izan". Eta Gli invisibili rekin berdin, esaten zidaten: "Latza behar zuen espetxean egon zinenean". "Kontuz, ni ez bainaiz inoiz espetxean egon". Hori normala da, ordea, lehen pertsonan idatzitako eleberri guztiekin jendeak autobiografikoak direla pentsatzen baitu beti. "Idatz nitzake maitasun-istorioak edo idatz nezake langile-borrokei buruzko eleberri bat, eta azken hori aukeratu izan dut, baina hori idazle gisa egiten dut, ez langile gisa" Baina orain ez ginen autobiografiari buruz ari, kidetza politikoaz baizik; eta nik neure kidetza politikoa daukat, noski, ni komunista naiz, baina liburu bat idazten dudanean ez dut komunista gisa idazten, baizik eta idazle gisa, argudio komunisten gainean. Zeure obraren beste ezaugarri bereizgarri bat hizkuntzarekin jolasteko daukazun modua da, nola bihurritzen duzun, esanezina dena aurkeztu eta errepresentatzeko, haustura bat ezartzeko ideologia hertsatzaile bat taxutzen duen lengoaiarekin. Paragrafo hasieran letra xeheak jarriz eta komarik ez erabiliz egiten duzu. Zergatik? Berez bi estilo erabiltzen ditut. La violenza illustrata hedabideen hizkera-moldean oinarrituta dago hein handi batean, egunkarietako hizkeran bereziki, eta telebistakoan ere bai tarteka, mass medien hizkeran edozein kasutan. Eta nik egiten dudana zera da: hizkera hori hartu eta txikitu, puskatu, zati txiki pilo batean banatu eta zati horiek beren artean nahasten ditut, neure iritziz testu horiek ezkutatzen duten alderdi negatiboa agerian uzteko: hori da erabiltzen dudan sistemetako bat. Beste liburuetan, aldiz – Vogliamo tutto n eta Gli invisibili n, adibidez–, ahots bat dago, eta pertsonaiek ez daukate izenik eta psikologiarik, pertsonaia kolektiboak direlako. Vogliamo tutto ko pertsonaia, esate baterako, Fiateko langilea da, eta Fiateko beste mila langilek, beste hamar mila langilek, dituztenak bezalako erreakzio psikologikoak eta jokamoldeak ditu. Pertsonaia orokor bat da, eta halakoa da Gli invisibili koa ere: 1970eko hamarkadako militante politikoa da, beste militante guztien ezaugarri berdinak dituena; pertsonaia bat da, beraz, ez pertsona jakin bat, eleberri tradizionaletan gertatzen den bezala, beren pertsonaia indibidual izen-abizendunekin, beren guraso, seme-alaba, maitasun-istorio eta mundu partikular bereziarekin. Ez, hemen bestelako pertsonaia bat daukagu, epiko izendatu genezakeen pertsonaia bat, antzinako historia epikoetako pertsonaia sinbolikoen tankerakoa. Zeure azken eleberrian, Sandokan , mafiaz diharduzu, eta Italiako Estatuko zati bereizezin gisa aurkezten duzu: ez anomalia tekniko edo sistemaren akats gisa, ez auzi kontingente gisa, Estatu horren berezko ezaugarri gisa baizik. Gauzak zenbateraino dira horrela gaur egun, eta nola egokitu da mafiaren funtzionatzeko moldea kapitalismoaren egungo fasera? Horixe da Italia. Edonola ere, esango nuke kapitalismoak beti izan duela joera kriminal bat baina, zuhurtziagatik, legea errespetatzen saiatu da. Enpresa handiak beti saiatzen dira balantzeak manipulatzen, langileei gutxiago ordaintzen; baina kontuz ibili beharra daukate, hor baitaude legeak, epaitegiak… esku hartzeko prest, eta hori dela-eta legea betetzearen eta urratzearen arteko marra estuan ibiltzen dira beti. Erakunde kriminalen kasuan berriz, gauzak legez kanpo egiten dira edo ezkutuan, eta mafiosoen buruzagiek pertsona errespetagarri gisa agertu behar badute ere, gero hilketak, lapurretak eta denetik egiten dute. Dena den, nik ez dut alde handirik ikusten batzuen eta besteen artean: pertsonen jarduera eta errenta ia guzti-guztiak biltzen dituen sistema bat dago, dena mafiak nahi duen bezala funtzionarazten duena. Baina, 1970eko hamarkadan ez bezala, gaur egun ez dago kolektiboki matxinatzeko modu hura. Gaur egun, sistema honetatik ihes egin nahi izanez gero, matxinada indibidualaren irtenbidea baino ez da gelditzen, alde egitekoa, beste norabait joatekoa. Horixe da ziklo hartako ondorioa: 1968an dena zen positiboa, 1970eko hamarkadan dena zen ezin ederragoa, gero dena suntsitu zen eta azkenik desertu handi bat bihurtu zen guztia. Azken galdera, bukatzeko: zerbait idazten ari zara orain? Ez, ez, nik ezin baitut gauza hutsen gainean, existitzen ez denaren gainean idatzi. Zain nago. Baina ez dut uste… Nahiko nuke. Baina hori da denok nahi duguna, ezta? Denok nahi dugu. Denok nahi dugu dena. Eta zuek egiteko zain gaude, gazteok baitzarete gauzak egin behar dituzuenak. Ni iritsiko naiz zerbait ikustera, agian, azkar baldin bazabiltzate… Baina, bizkor ibili! Laurogei urte baditut eta ez zait denbora luzerik gelditzen…
news
argia-e50104deb484
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/pablo-la-parra-zinema-militantearen-erresonantziak.html
"Ez dakit gaur egun zinema militanteaz hitz egiterik dagoen"
Arantza Santesteban
2016-06-26 00:00:00
"Ez dakit gaur egun zinema militanteaz hitz egiterik dagoen" Gaur egungo irudi askotan aurkitzen ditugu garai bateko protesten eszenak, behin eta berriz errepikatuko balira bezala. Zinemari esker jakinarazten zaizkigu aspaldiko promesa politikoak, bete gabe geratu zirenak, egun betetzear daudenak. Erresonantzia horiek aztertzea da Pablo La Parra valentziarraren lana New Yorkeko Unibertsitatean; hilabeteotan Tabakaleran dabil egoiliar, bere proiektuan sakontzen. Zehazki, zer ari zara lantzen Tabakalerako egonaldi honetan? Garatzen ari naizen proiektuaren izenburua Europa, geroaldi burutua da. Ikerketa lana da, publikoari zuzendutako egitarau batekin osatzen dena. Funtsean, proiektuaren xedea da praktika zinematografiko garaikideak eta 60ko eta 70eko hamarkadetako zinema militantetik sortutako artxiboa harremanetan jartzea.   Zinema militantea garaiko errebolten erretratua da? Zinema militante deiturikoaren bilakaera liluragarria izan da. Ez zen mugimendu koherente eta bateratua izan, zinema eta politikaren arteko harremana birdefinitzen saiatu ziren praktiken multzo heterogeneoa izan zen. Zinema horren garapena bereizezina da nazio askapen mugimenduetan eta 68ko errebolten testuinguruan sortu ziren disidentzia politikoen forma berrietatik. Esango nuke zinemagile haien interesa ez zela film bidez garaiko giroa erretratatzea soilik; borroka horien guztien parte aktibo izan nahi zuten. Baina horretarako zinema arau askotaz libratu behar zen, ezta? Jakina. Horrek zinearen ekoizpenerako baliabideak errotik aldatzea eragin zuen, egiletza kolektibo zein asanblearioak entseatuz eta orduko militanteen parte-hartzea ziurtatuz. Pelikulen banaketari dagokionez, haien zirkulazioa bermatzeko sare autogestionatuak osatzen zituzten eta jendearen esku egon zitezen fabriketara edota ikasgeletara eramaten zituzten. Eztabaida sakonak sortzen ziren eta ekintza politikorako tresna bihurtzen ziren. Zein da film-artxibategi horren interesa zure ustez? Kristin Ross-ek dioen modura, 68ko maiatza izan da, beste askorekin alderatuz, narratiboki gehien desitxuratu den pasarte politikoa: urte haietako borrokak 80 eta 90eko hamarkadetako narrazio neoliberalek filtratuta iritsi zaizkigu eta horiekin ulertzen ez ditugun gertakariak kontatzen zaizkigu, distortsionaturik eta despolitizatutako estereotipoen bidez. Zinema militantea borroka horien guztien erdigunean sortu zen, eta horregatik militanteak eurak ikusten ditugu hitza hartzen. Nire ustez, gerturatze horrek oso esperientzia maila bitxia eskaini digu: gaurko irakurketatik iraganean ongi edo gaizki zer egin zuten aztertzea baino, modu sentikorrean garai bateko praktika eta subjektibitate politikoekin kontaktuan sartzea da interesgarriena. Zein mundu amesten zuten? Nola lortu nahi zuten? Nola adierazten zuten gogo hori? 68ko irudiek eta gaur egungo mobilizazioetan ikusitakoek harremanik al dute? Krisiak eta egun ematen ari diren borrokek Europa neoliberalaren erabateko porrota utzi dute agerian. Ezagutzen dugun Europa hau 60ko hamarkada luzean eman ziren borroka guztien arrastoen hondarretan eraiki da. Nolabait esatearren, ematen du garai hartako irudiek ez gaituztela abandonatu eta gaurko une historiko eta sozialean baino ezin dugula ulertu ezkutuan gordetzen duten promesa politikoa. Ez da kasualitatea beraz, egunotan garai hartako film-artxibo militantea berrerabiltzen eta berrinterpretatzen ari dela ikustea; esan liteke iraganeko irudi horiek baldintzatu egiten dutela orainaldia irudikatzeko eta erakusteko dugun gaitasuna.   Zinemagileen eta egitura politikoen arteko harremana ez da beti xamurra izan... Nire ustez, zinema militantearen alerik interesgarrienak alderdi eta sindikatuetatik kanpo egindakoak izan ziren. Alderdi batzuek zinemarekiko interesa erakutsi bazuten ere –batez ere, Italiako Alderdi Komunistak–, uste dut, orokorrean, etengabeko tentsioak bizi zuela harreman hori. Oinarrizko arazo bat zegoen: zinema militanteak errepresentazioaren ohiko moduen kritika zorrotza egiten zuen, behetik egindako diskurtsoaren ekoizpena aldarrikatzen zuen eta horrek zuzenean egiten zuen talka alderdi leninisten logika bertikal eta hierarkikoarekin. Auzi hori oso argia da off ahotsaren erabilerarekin: dokumental politikoaren ikuskera klasikoaren aurrean –non narratzaile orojakileak eszenak egoki kontatzen baitizkigun–, zinema militantearen pelikuletan narratzaile kolektiboek hartu zuten hitza. Askotan egin izan da zinema militantearen karikaturizazioa, sinplistatzat eta lausotzat joz, baina artxibo honen tentuzko azterketa batek garaiko subjektibitate politikoen aberastasuna erakusten digu. Egiten al da gaur egun zinema militanterik? Ez dakit gaur egun zinema militanteaz hitz egiterik dagoen. Jadanik ez da termino hori erabiltzen, eta garai historiko eta sozial jakin batera bideratzen gaitu. Proiektu honekin dugun asmoa ordea, praktika bisual garaikideen eta artxibo militante horren artean dauden erresonantziak aztertzea da. Gaur egun irudi alternatiboen politizazioa, haien distribuzioa edo erakustaldia ahalbidetzen duten estrategia asko ezin dira aztertu zinema militantearekin duten harremana ulertu gabe. Erresonantzia horiek leku askotan daude: zinemagileengan, egungo kooperatibetan, zine-forumetan, gune autogestionatuetan, okupatutako plazetan…
news
argia-1be5461c8823
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/ez-etsi-arcelorren-ultimatumaren-aurrean.html
Ez etsi Arcelorren ultimatumaren aurrean
Juan Mari Arregi
2016-06-26 00:00:00
Ez etsi Arcelorren ultimatumaren aurrean Arcelor Mittal multinazionalak daraman ultimatum politikarekin pixkanaka nahi duena lortzen ari da. Eusko Jaurlaritzarekin gauza bera egin du orain; ikusi beharko da azken erabakia zein den eta xantaiaren aurrean etsiko ote duen. Indiako multinazionalak Sestaoko planta ixteko mehatxua egin zuen ez bazen bere proposamena onartzen: uztailetik aurrera asteburuetan baino ez irekitzea 12.000 tona bobina beltz produzitzeko, lantaldearen erdia soilik erabiliz –346 lanpostu, kontratazioak kontuan eduki gabe–. CCOO eta UGTren eskutik, beldurra erabiliz eta ELA eta LABen kontra eginez, lortu zuen lantaldearen gehiengoak –143 alde, 127 kontra– proposamena onartzea. Lanpostu guztiak mantentzeko defentsa sindikal bateratua hautsi egin zen horrela. Multinazionalak munduko burtsa handienetan kotizatzen du eta akziodunen artean dibidenduak banatzen ditu. Krisian dagoen enpresa balitz moduan ordea, Jaurlaritzari energiaren arloko laguntzak eskatu dizkio eta horiek gabe ACB ez dela berriz irekiko esan du. Eusko Jaurlaritzaren esku dago orain multinazionalari torlojuak estutzea eta amore ez ematea. Diru publikoaren kudeatzaile denak, laguntza horiek ematea erabaki beharko luke soilik Sestaoko industriaren etorkizuna bermaturik ikusiko balu, inguru horretan langabezia eta krisia oso sakonak baitira. Baina inolaz ere ez luke multinazionala babestu behar lantegiaren pixkanakako itxiera baldin bada azken emaitza. Eusko Jaurlaritzak badu beste esperientzien berri: laguntza publikoak eman izan dizkie enpresa multinazionalei eta ondoren desagertu egin dira edo produkzioa deslokalizatu dute. Hortxe dugu Jofel Industrialen jabetzako Virtisúren kasua Enkarterrietan.
news
argia-eb2e49bb350c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/etsipenik-ez-ekimena-bai.html
Etsipenik ez, ekimena bai
Zigor Etxeburua Urbizu
2016-06-26 00:00:00
Etsipenik ez, ekimena bai Belaunaldi berriei paso emateko garaia da, ez haietaz paso egitekoa. Erretiratzeko garaia da, etorkizuneko politikak erabakitzeari dagokionez, behintzat. Hirurogeiak pasata dituzten politikari ugari dago agintean, beren ikuspegiak ezartzen ari dena zakukada urte horren erdia ere ez duen gazte jendeari, euskaraz hezi den eta euskaraz bizi nahi duen jende gazteari. Eta hemendik aurrera zer? dokumentuan 30 urterako politikaren ildoak ezarri dituzte Eusko Jaurlaritzako politikariek, zeintzuek eta hiru hamarkada horiek jubileuan eta zahartzaroan pasako dituztenek, zeini eta hiru hamarkada horiek beren heldu aroko eta laneko bizitza ia osorik hartuko dizkietenei. Zilegia da zaharrak ezartzea gazteari nolakoa izango den bere bizitza? Esaten zaie, beren bizitzak ezingo dituztela bete-betean euskaraz eratu eta, gainera, 30 urte geroago ere euskararen arazo soziala konpondu gabe izango dela. Jaurlaritzako aztiek aurreikusten dute euskaraz ezin biziak haserrea eragingo duela, eta "insatisfakzio saihetsezin" hori kudeatzen ikasteko gomendioa egiten dute. Beste modu batez ere aipatu da etsipenerako dei hori, euskaraz bizitzeko "ametsa doitzera" gonbit eginez euskaltzaleoi. Euskarazko hedabideei publizitatea eta duintasuna, batera, erdira doitzeko Gipuzkoako diputazioak hartu duen erabakiaz ariko ziren? Sanoki onartu behar dugu Osakidetzak euskaldunoi errezetatzen digun bazterkeria? Medikuntza euskaraz ikasi ezina depresiorako tratamenduaz ezkutatuko dugu? Gure gurasoek jarrera hori izan balute, ez genuke ez ikastolarik, ez euskalgintzarik ez eta gutxi barru politikari horiek gozatuko duten erretirorik izango ere. Jaurlaritzaren hitzetan, 30 urteko politikak ez omen ditu esperotako emaitzak lortu hainbat arlotan, bereziki hizkuntza eskubideen berme praktikoari dagokionez. Hala ere, gure herrian gure hizkuntzan normaltasunez ezin biziari ez erreparatzeko eta lortutakoari begiratzeko eskatzen digute. Jakina begiratuko diogula, herria izan baita lorpen horien protagonista! Baina txantxangorriaren kantuak ere ezin du estali gizarte erdalduna eskaintzen zaiena, erremediorik gabe, hezkuntza osoa euskaraz egin eta heldu arora iritsi diren herritar euskaldunei. Gazteentzat zaharra da EAEn agintzen duen politika, kanpoeder agertu arren. Gure agintariak determinismoak eta etsiak jota daude, nekatuta. Elefantea ikusi omen dute, baina elefantearen metafora okerra hartu dute, elefantearen azkenarena egokiagoa zaie. Euskaraz biziko den gizartea egiteko determinazioa, alaitasuna, elkartasuna eta parte-hartzea behar dira. Horiek gaztetasunaren ezaugarriak dira, berritasunarena, ez zaharrarena.
news
argia-d1e4f0177afc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/brendan-ogle.html
"Uraren zergen aurkako kanpaina, mugimendu sozial eta politiko bihurtu da"
Martin Mendizabal Garai
2016-06-26 00:00:00
"Uraren zergen aurkako kanpaina, mugimendu sozial eta politiko bihurtu da" Urteak daramatza Irlandak krisiaren ondorio latzak jasaten: hezkuntza, osasun eta zerbitzu publikoetan murrizketak, zor publikoaren ordainketak… 2014an Troikak Irlandari maileguak emateari utzi zion eta horri gobernuak urari zergak ezarri izana gehitu behar zaio. Protesta ugari sorrarazi du irlandar gizartean. 2014an sortu zen "Right2Water" uraren pribatizazioaren aurkako plataformaz hitz egin dugu Brendan Ogle Irlandako sindikalista eta aldi berean "Right2Change" mugimenduaren bozeramailearekin. Uraren aferaz gain, Brexit-az eta Irlandaren etorkizunaz ere mintzatu gara. Zergatik hasi zen Right2Water mugimendua? Irlandak drama ekonomiko kolektiboa pairatu zuen 2009 eta 2014 bitartean. Urte horretan herrialdeak Troikaren maileguak jasotzeari uko egin zion, eta urrian gobernuak uraren zergak igotzea erabaki zuen. Austeritate neurri bezala hartzen dugu hori. Sindikatuak, Irlandako ezkerreko alderdiko zenbait politikari eta independenteak batzartu egin ginen neurri horien aurrean hartu beharreko jarreraz eztabaidatzeko. Abiatu genuen kanpainak hiru zutabe nagusi zeuzkan: langile batasuna, politikoa eta komunitatearena. Hiru aldeok ura giza eskubidea zela ados geunden, Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenean jasota dago. Gure helburua gobernuak uraren inguruan ezarritako zerga deuseztatzea zen. Noiz hasi ziren kaleko protestak? 2014ko urriaren 11n lehen mobilizazioa deitu genuen Dublin hiriburuan, herrialdeko komunikabide nagusien laguntzarik gabe. 20.000 pertsona espero genituen eta 100.000tik gorako protesta izan zen. Azaroaren 1ean bigarren protesta izan zen, eta nahiz eta sekulako euri zaparrada bota, Irlandako 106 herritan 200.000 pertsonatik gora bildu ziren. Hau bada zerbait 4,5 milioi biztanle dituen herrialde batentzat. Protesta masibo horien ondoren komunikabideen jarrera biziki gaiztotu zen: manifestazioak antidemokratikoak zirela eta mugimenduaren barnean indar subertsiboak  zeudela esaten hasi ziren, besteak beste. 2014ko abenduan hirugarren manifestazioa izan zen. Protesta honekin mugimendua nazioartera zabaltzen saiatu ginen. 80.000 pertsona bildu ziren Dublinen Parlamentuaren parean. Greziako Tesaloniki hirian 2014an uraren inguruko erreferenduma egin zuten zenbait pertsona izan ziren, baita Detroit Water Brigadeko bolondresak ere. Uraren pribatizazioaren aurkako kanpaina bezala hasi zena mugimendu sozial eta politiko bihurtu da. Plataforma politiko bat da Right2Change, ez alderdi politiko bat, politika eta politiken arteko desberdintasuna egin behar baita. Nola zabaldu uraren zergen deuseztapenen borroka gizarteko beste esparru batzuetara mugimendu gisa? Irlandako politikan ez da egon ezker eta eskuinaren arteko desberdintasunik, politikan nagusiki Fianna Fáil (zentro-eskuineko alderdia) eta Fine Gael (eskuin kristau demokratak) eskuineko bi alderdi daudelako. Gu ez gara ezkerra birsortu nahian ari, lehen aldiz sortzen saiatzen baizik. Iraganean sindikatuarekin zerikusia zeukaten kanpaina politikoak zeuden: soldata minimoen aldarrikapenak edota zergen igoeren aurkako esloganak. Edonola ere, kanpaina lokalak ziren. Hau, ordea, Irlanda osoan egiten den lehen kanpaina da: sindikatuak, alderdi politikoak eta mugimendu sozialak barnebiltzen ditu. Nire ustez, hau da lorpenik handiena. Irlandak arazo asko dauka: langabezia, kalean bizi den jendea… Baina ez dauka uraren pobreziarik. Eskubide hau arriskuan dagoelako atera da jendea kalera. Right2Water mugimendutik Right2Chance sortu genuen 2015eko uztailean Sinn Fèin, troskista, langileen alderdi eta independenteekin uraren zergen aurka egoteaz harago adostu genituen puntu komunetatik. Zeintzuk dira puntu komunak? Right2Change mugimendua ezaugarrituko zituen hamar neurri adostu genituen: finantza pribatuek gizartean utzi duten zorraren kontu ikuskaritza eta banku sistema publikoa sortzea, herrialdearen erreforma demokratikoa, doako hezkuntza, irlandar eta atzerritarren arteko berdintasun sistema eraikitzea, osasun sistema publikoa berrezartzea, herritarren beharren araberako etxebizitza politika sortzea, lan duinak sustatzea, herrialdearen baliabide naturalak errespetatzea fracking-a debekatuaz , eta azkenik, uraren tasak indargabetzea. 2015eko ekainean argitaratu genuen dokumentu honen printzipio politikoak Irlandaz gain, Europar Batasuneko edozein herrialdetan aplikatu daitezke. Uraren zergen aurkako mugimendua Right2Change mugimenduaren oinarria izan zen. Zer-nolako ikuspegia duzu Brexit-aren inguruan? Lehenik eta behin ni europarra kontsideratzen naiz. Herrialde guztiak ditugun etsai komunak transnazionalak eta neoliberalismoa dira, eta horregatik horien aurka borrokatu behar dugu. Europar Batasuneko eredua ez da gai herritarren arteko berdintasuna bermatzeko. Datorren krisi ekonomikoa Brexit-a, Txinako egoera ekonomikoa eta Alemaniako Bankuetako arazo estrukturalek sortuko dute, eta honek Europar Batasuneko erorketa ekarriko du. Momentu honetan inperialismo ekonomikoa ikusten ari gara. Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzen bada, irlandarroi aukera erreal berria suertatuko zaigu herria demokratizatzeko. Joan den otsailean Berlinen sortu zen DIEM25 mugimenduan parte hartu nuen. Bertan esan nuen jada 2025a Europa demokratizatzeko oso berandu izango dela. Europar Batasuna bai politikoki bai sozialki hil egingo da. Jendeak Europar Batasuna defendatzen du alternatibarik existitzen ez dela pentsatzen duelako. Hau da, Europar Batasunean sinestearen arrazoi bakarra, zerbait berria garatzeko esperantza eza da. Britainia Handia Europar Batasunean gelditzen bada, Europar Batasunaren desagerpena soilik tarte motz batean atzeratu egingo da. Europako herrialdeen artean Europar Batasuna zerk ordezkatuko duen hitz egiten hasi behar da. Nazionalismoek ordezkatzen badute oso arriskutsua izango da, bai Irlanda bai Europar Batasun guztian ere. Datozen hamar urteetan desobedientzia jarrera hartu beharko al luke irlandar gizarteak? Hau da momentu honetan daukagun erronka. Irlandako bi alderdi politiko nagusiak gizartearen erdiak baino gutxiagok babesten dituzte. Erroldatuen %65ak bozkatzen du, eta bozka horietatik %49a eskuineko bi alderdi nagusietara doa. Hilzorian daude bi alderdi nagusiak. Demografiaren ikusiz gero 30-40 urte azpiko oso pertsona gutxik bozkatzen ditu bi alderdi nagusiak. Sistema demokratikoa haustura puntu batean dago eta aldaketaren oinarria politikarekiko kezka izan behar da, ez kezka pertsonala. Sinn Fèinek haustura txiki bat besterik ez du egin sisteman. Beste ezkerreko alderdiek ez diote gobernuari inolako pitzadurarik eragin. Sistema demokratikoan hutsune oso handia dago. Hutsune hau nabaritzen ez den bitartean, gizartea guztiz garaituta dago demokrazia parte hartzailearen parametroetan, eliteek orain daukatena baina indar gehiago hartuko baitute. Berdintasunean oinarritutako politikak progresiboak izan behar dute aldaketaren funtsa, munduaren birbanaketa justua oinarri duena. Hau gertatzen ez bada, pixkanaka demokrazia galtzen joango gara, nahiz eta ez dudan sinesten egun demokrazian bizi garenik. Herrialde txiki honek Europar Batasunaren populazioaren %1 baino gutxiago edukita, Europako bankuen zorraren %41 ordaindu behar du. Nire seme-alabak 2053. urte arte ordaindu beharko dituzte, sortu ez dituzten zorrak. Zein motako independentzia da hau? Kultur identitatea (poetak, musikariak, folklorea) oso garrantzitsua da herri batentzat, baina guk independentzia ekonomikorik ez dugu. Eskubideak al ditugu etxebizitzaren inguruko, uraren inguruko, lan mundua politikak erabakitzeko?
news
argia-7bfae883b8c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/unidos-podemosek-zerua-du-eskura-ppk-lurreko-gobernua.html
Unidos Podemosek zerua du eskura, PPk lurreko gobernua
Xabier Letona
2016-06-26 00:00:00
Unidos Podemosek zerua du eskura, PPk lurreko gobernua Ekainaren 26an hauteskunde orokorrak egingo dira Espainiako Estatuan. Trantsiziotik, lehenbiziz errepikatuko dira indar politikoek gobernua eratu ezin izanaren ondorioz. Podemos eta Izquierda Unida elkarrekin aurkeztuko dira, eta horrek egoera berri bat sortuko du, itxura guztien arabera. Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako demokrazia garaiko gobernu lehendakaririk onena izan dela aipatu du kanpainan Pablo Iglesiasek. Edo, besteak beste, esan du baita ere "sozialdemokrazia berri bat" beharrezkoa dela. PSOEren ohiko boto kalan arrantzatzeko makina bat keinu egin ditu Unidos Podemosek eta, inkestei kasu eginez bederen, ezin esan gaizki joan zaionik. Apirilaren hasieran abenduko hauteskundeetatik gobernu berririk ez zela aterako argi ikusi zenean, alderdi  bakoitzak beste hauteskunde orokor batzuetarako estrategia zehazteari ekin zion. Bigarren itzuli klasiko baten estilora, logikoa zen pentsatzea ezker eta eskuineko erreferentzia bakarra indartuko zela. Eskuinean PP zen erreferentzia hori, ezbairik gabe; eta ezkerrean Podemos, besteak beste, ezkerreko hauteslegoaren zati handi batek PSOE ezkerrekoa baino zentrokoa jotzen duelako. Edozein eratan, Podemos eta Izquierda Unidak bat egin zutenean, ez zen zalantzarik geratzen, eta Unidos Podemos gelditu da erreferentzia nagusi bezala. Azken bizpahiru asteetako inkesta denen arabera, botoa erabakia duten lau hautesleetatik batek Unidos Podemos bozkatuko du. PPri dagokionez zalantza gehiago dira, baina alderdi bozkatuena izateaz gain, abenduan Ciudadanosera joan zitzaizkion botoak berreskuratuko lituzke. Eta ia inkesta guztietan, Pablo Iglesias eta Alberto Garzónen koalizioak aurre hartuko dio atzera egingo duen PSOEri. Hala ere, inkestetan bada beste datu klabe bat, erabakigarria izango dena: boto eskubidea dutenen herenak bere botoa erabaki gabe du oraindik.   Zein Gobernu eratuko da? Ezkerreko hegemoniaren bila, Unidos Podemos eta PSOEren arteko lehia oso gogorra izango da azken minutura arte. Lehenxeago aipatutako ezker-eskuin polarizatze horrek eraginda, halaber, Unidos Podemos eta PPren artean ere beste horrenbeste gertatuko zela irudikatu da, baina ez. PPren estrategian omen da ez borrokatzea gogor Unidos Podemosekin, horrek koalizioa indartzen duelako PSOEren kalterako. Baina ez ote da PPren interesekoa urteetako bere aurkaria ahalik eta ahulen geratzea? Badirudi ezetz, Jose María Aznar PPko buruzagi ohiak ere horixe gomendatzen ei zuen master batean amaieran Madrilen, La Vanguardiako Enric Julianak gogorarazi duenez:  "PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko konstituzio itun handia eratzeko baldintzak sortzea aholkatu zuen Aznarrek, bi errezeta gomendatuz". Bat, lotu, hurbildu, adostu, lagundu eta txertatzeko lagungarri izan daitezkeen baldintzak sortzen laguntzea; bi, aipatu akordioa laguntzeko beharrezkoak izan daitezkeen sakrifizio pertsonalak egitea. Hau da, Mariano Rajoyren burua eskatzen ari zela. Azken finean, orain ere bizpahiru aukera nagusi daude Espainiako Gobernua eratzeko. PPrentzat erosoena Ciudadanosekin osatutakoa litzateke. Estiloa eta itxurakeriak baztertuta, oinarrizko edukietan ados dira, esaterako eredu ekonomikoa, Bruselarekiko lankidetza eta estatu egituraketa. PPk, alabaina, ez du baztertu gutxieneko gobernua eratzea. Zer nahiko luke? PSOE eta Ciudadanos abstenitzea eta gero Legebiltzarrean ahal denarekin adostasunetara iristea. Oraingoan ere botoek abenduko ataka estua ekartzen badute, ez da baztertzekoa aipatutakoa. PSOEn bertan ere bada antzerako ideiarik bota duenik: joan den astean, alderdi sozialistako gai ekonomikoen koordinatzaile Jordi Sevillak adierazi zuenez, berriz blokeorik egon ez dadin, nahiko izan beharko luke Diputatuen Kongresuan gehiengoa lortzea. Ate horretatik PP eroso pasatuko litzateke gobernua eratzera. Sevillaren hitzak doinu onekoak dira PSOEko baroiak eta Felipe Gonzalezen belarrietan, baina ez Sanchezenetan. Alderdia bitan zatitua dago halako egoera baten aurrean: Unidos Podemosen aurretik gertatuz gero eta aukerarik balego, Sanchez eta beste asko prest leudeke haiekin gobernua eratzeko; PSOEko goardia zaharra ez. Azken bizpahiru asteko inkesta denen arabera, botoa erabakia duten lau hautesleetatik batek Unidos Podemos bozkatuko du Eta atakarik estuenean, hor legoke koalizio handiaren gobernu aukera, bankuek, Bruselak eta enpresarien elkarteek gustukoena dutena: PP, PSOE eta Ciudadanos. Guztiz baztertua dago Iglesias lehendakari lukeen gobernua, ezta PSOEk eta Unidos Podemosek horretarako indar aski balute ere. Zorra… zer zor? Edozein gobernu aterata ere, usoak belatzari nola egin beharko die aurre Bruselako atzaparrei. Aurten Espainiako gobernuak %5,1eko defizitarekin amaitu du, aurreikusitakoa baino puntu bat gehiago, horrek dirutan 10.000 milioi euro esan nahi du. Gaia hauteskundeetatik ateratzeko, 2.000 milioiko isuna ere atzeratu dio Bruselak Espainiako Gobernuari, honek defizit helburua ez betetzeagatik. Krisiaren hiztegira jo eta zenbaki horien esanahia argia da: murrizketa latzak. Nondik egingo diren aurreikustea ere ez da gaitza. Hori baino egoera orokor zorrotzagorik ere izango du edozelako koloretako gobernuak, funtsean zorrari lotutakoa. Lehenbiziz mende oso batean, Espainiako Estatuaren zor publikoak bere BPGaren tamaina gainditu zuen iragan maiatzean; hau da, bilioi batetik gorakoa da. 2007an Espainiaren zor publikoa %37koa zen, 384.000 milioi euro; 2012an PP gobernura iritsi zenean bazen 782.000 milioi eurokoa; eta 2016an 1,09 bilioi eurokoa. Aurten Estatuko administrazio publikoen kutxetatik 35.000 milioi euro aterako dira zorraren interesak ordaintzeko. PPren estrategian omen da ez borrokatzea gogor Unidos Podemosekin, horrek koalizioa indartzen duelako PSOEren kalterako Baina nork entzun zuen zorra berba, adibidez, lau hautagai nagusienen debatean? Ez han, ez kanpainan oro har, gaia ez da ia ukitu. Unidos Podemosek ere ateratzen ez duelako kexu da Eric Toussaint ekonomilari frantziarra: "Ezkerreko alderdietan ere, zorra zalantzan jartzea gai baztertu moduan jorratzen ari da eta horrek kezkatzen nau. Dirudienez, alderdiak saihesten ari dira gaiari buruz posizio bat hartzea". Ekonomilariak argi dauka edozein gobernuk ere jai duela politika aurrerakoiak egiteko, zorroaren zati bat kitatu gabe. Urrutiago ere badoa: "Espainian aldaketa gobernu batek Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala desobeditu beharko lituzke eta haiei aurre egin (…) Aldaketarako programa sakon batekin, Grezia, Portugal eta Espainia eurotik atera beharko lirateke". Katalunia eta independentzia prozesua Edozelako gobernuren beste patata beroetakoa hauteskunde ondorengo Katalunian izango da. Prozesu independentistak indarra galdu du eta horretan ados dira independentziaren bultzatzaile nagusiak ere. Generalitateko aurrekontuen inguruan Junts Pel Sí eta CUP akordioetara ez iristea izan da prozesuak jasotako azken kolpea. Espainiako Gobernu berriak Generalitateak bultzatutako Konstituzio prozesuari egin beharko lioke aurre 2017an, teorian urte horretan desegin beharko bailitzateke Generalitatea eta hauteskunde konstituziogile berriak deitu, baina ez dago batere garbi zer gertatuko den. Lehenik, aurrekontuen aferak ekarritako hausturaren ondoren, Carles Puigdemont presidenteak irailerako iragarri duen konfiantza mozioa gainditu beharko du. Gero ikusi beharko da zer gerta litekeen independentziari buruzko alde bakarreko erreferendumarekin: CUPek hori nahi du, ERCk ez du gaizki ikusten, Puigdemontek dio aztertu behar dela eta CDCko sektorerik uzkurrenak entzun ere ez du nahi. Adostutako erreferendumaren bila joango da Generalitatea Madrilera, baina ez du doinu berririk entzungo Moncloa zaharrean; erreferendum adostuaren aldeko Unidos Podemosen oihartzunak Madrilgo kaleetan galduko dira. Independentistak haien bidean tematzen badira, Madrilekiko talka denbora kontua besterik ez da. En Comú Podemeren hauteskundeetako arrakastak dena desaktibatzen ez badu behinik-behin. Elkarrekin Ahal Dugu nagusi Iragan abenduan Ahal Dugu gailendu zitzaion bototan EAJri EAEn (316.441 / 301.585) eta bigarren indarra izan zen Nafarroan, UPNren atzetik (101.901 / 80.961). Oraingoan, inkesta denek EAEn lehen postua ematen diote Elkarrekin Ahal Duguri (EAD), bototan zein eserlekutan. Joeretan, EH Bilduk bere bi eserlekuei eutsiko lieke, PPk ere bai  bere bakarrari eta PSOEk hirutik bat gal dezake, Arabakoa. Herritarrek desberdin bozkatzen dute autonomikoetan eta orokorretan, baina ezin da ahaztu datorren udazkenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla eta orain joera batzuk bederen ikusiko direla. Lehenbiziz Elkarrekin Ahal Duguk irabaz ditzake hauteskundeak Nafarroan, botoen %35,9rekin UPN-PPri gailenduz (%28,8) Berrikuntza handiagoak aurreikusten dira Nafarroan: Metroscopiaren arabera, lehenbiziz EADk irabaz ditzake hauteskundeak, botoen %35,9rekin UPN-PPri gailenduz (%28,8). UPNk ez du hauteskunderik galdu 1989tik. PSNren egungo eserlekua zalantzan legoke. Geroa Baik eta EH Bilduk ere, abenduan bezala, ez lukete ordezkaritzarik. Hauteskunde desberdinak diren arren, berriz geldituko da nabarmen egungo foru gobernua sostengatzen duten bi indar nagusien ahuldadea. EH Bilduk eta Geroa Baik proposatu zuten aldaketaren lau alderdiak elkarrekin joatea, baina Ahal Duguk eta Ezkerrak uko egin zioten. EH Bilduk eta Geroa Baik baztertu egin zuten elkarrekin joatea. Bakoitzak bereari eutsi beharko dio orain.
news
argia-d206078e0c17
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/ontzi-gobernantza.html
Ontzi gobernantza
Bea Salaberri
2016-06-26 00:00:00
Ontzi gobernantza Ikasturte bukaerak maiz adierazten du prestakuntza saioetara joatea, hartzaile umil, behingoz begiak zabalik egoteko beha besteen iradokipenei, edo gure ikasleak bezain indiziplinatuak agertzeko. Nola gerta. Aurten Vent debout elkartearekin ikasteko parada ukan dut. Hastapenetik kuriositate puntu batekin joan naiz: berehala elkartearen izena gertatu zait deigarria. Nengoen, "haizean zutik, haize zuta" zer deabru zitekeen eta zirrimarratu lehen irudia Titanic filmekoa izan zen eta bigarrena nihauren buruarena enbata altxatu arau Hendaiako itsasbazterrean zut tematzen. Prefosta, zer dakit nik itsasoko gauzez! Barnealdekoa naiz! Istripuz izan ez balitz, itsasoa ez nukeen ikusia hogei urteak gabe! Ontzi gobernantzan, frantsesezko vent debout da ibilera bat, haizea kontra denekoa. Hortik goiti argiago ukan nuen ikastaroaren izenburu ulergaitza. "Vent Debout, ibilmolde popular eta demokratikoa", ulerturik parada zitekeela nork bere barkua nola zuzendu ikastea, noiz eta sustut haizea kontra denean eta ekipaia handia. Haizeen kontra joaten tematuz gero, aitzina egin ez, eta gibelera egiten baita, irakatsiko ziguten beraz nola egin, balekibale, aitzina egiteko molde bat atzemateko. Kostaldekoek badakikezue hori, nabigatzaileek badituztela beste ibilera batzuk, ahalik eta molde eraginkorrenean joateko, erran nahi baitu, abiadura onean baina ontzia uzkailtzeko edo sobera inarrosteko arriskurik gabe ere, etengabe bilatuz haizearen norabidearekin angulenik egokiena, ez sobera saihetsetik, ez sobera gibeletik, belak behar den heinean zabalduz, eta horrela dabiltzala, zeharka, sigi-saga, uhinek eta oldarrek bultzaturik, batean ezker, bestean eskuin, helmugarantz pixkanaka, aitzina eta bat beti, denbora hartuz eta indarrak neurtuz, ahalik eta lasterren ez, seguruen baizik ez joateko. Hori izan da hain zuzen, eskaini dizkiguten formakuntza egun horiez gogoan atxiki dudana. Ororen buru, helburua argi eta bidea batera egin nahi duen taldeak, ibilmolde popular, demokratikoagoa nahi duenak, boterearen banaketa eta parte-hartzea bultzatu nahi duenak, jai daukala baina eskura dituela hainbat teknika, marinelek nola. Horien artean, bada bat interesgarria, konferentzia keinukatua deitua, gauzak teorizatu gabe, esperientzien kontaketatik ondorioztaraztea dute helburutzat hitzaldi hauek, bizipena (zentzu guzietan) hitzen bidez plazaraziz. Terminologia astuna eta eskema korapilatsuak baztertuz, azalpen desdramatizatua da, zeinetan gauzak desteorizatzen ikasten den, hizlaria desakralizatuz baita segurtatuz jakintza denen eskura ezartzen dela, ez dela elite baten altxorra. Hots, desteorizatzen birbanatzea planteatzen eta lantzen da etengabe, denen artean helburu berera heltzeko baina bortxan haizearen kontra egin ordez, pausoak egokituz eta bidea partekatuz kideekin. Oroz gainetik preziagarriena izan da oinarrizkoa duten kontzeptua aplikatzea: hitza askatzea, zernahi aipatzea baina denek hitz egitea. Besteei entzutea iraultza dela entzun diot norbaiti; isiltzea bada iraultzailea baita, besteen aditzeko sustut. Parte-hartze eta partekatze mota horrekin, agian ez goaz zuzen helmugara gaitzeko erritmoan, zeharbide eta negoziazioak badira: bizkitartean paregabea da sentitzen ahal den proiektuen aitzinamenduan, baita maila pertsonaleko aberastearenean ere. Hala sentitu naiz behintzat. Isiltzea, entzutea, eskua uztea, konpartitzea, berdintasuna, norbanakoaren garapena. Maite dut ekaina, ikastaroak egiteko sasoia, soluzioen garaia, hobexeak bihurtzen saiatzekoa.
news
argia-d72a8c5feea4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/hibai-arbide-kazetaria.html
"Epaiketa batean, ondo landutako bertsioa beti da egia baino sinesgarriagoa"
Danele Sarriugarte Mochales
2016-06-26 00:00:00
"Epaiketa batean, ondo landutako bertsioa beti da egia baino sinesgarriagoa" Ezagutu nuen egunean, mugei buruz hitz egin zuen Hibai Arbide Azak. Esan zuen demokraziaren aurkako mekanismoak direla, jendea kanporatzeko balio baitute. Orduz geroztik, bi urte joan dira ia, eta gero eta jende gehiago dabil alderrai, mugak ezin zeharkatu. Zuzenbidea ikasi zenuen. Bai. Zientzia politikoak ikasi nahi nituen, baina zuzenbidean ari ziren pare bat lagun, eta pragmatikoagoa iruditu zitzaidan. Printzipioz ez nuen abokatu moduan lan egin nahi; hala ere, bederatzi urte egin nituen horretan. Lehenengo bulego oso pijo batean, eta gero, bestelako bulego batzuetan: Jaume Asensekin eta Layret kolektiboan. Nola uztartzen dira aktibismo politikoa eta zuzenbidea? Nire jarduna beti egon da lotuta mundu-ikuskera jakin batekin. Batzuetan, abokatu militantea zara, eta zuzenbidea hartzen duzu ekiteko eremu politiko moduan. Beste batzuetan, aldiz, militanteen abokatua zara, borrokan ari den jendea babesten duzu. 2014an mahai-inguru batean aditu zintudan, San Telmo Museoan, eta gogora datorkit zer esan zuen han bertan Eli Vásquez abokatu ekuadortarrak. Bai, Elik bi abokatu mota bereizi zituen: giza eskubideen aldeko abokatuak eta estolderia-abokatuak. Giza eskubideen aldeko abokatuek mekanismoak baliatzen dituzte, adibidez, Giza Eskubideen Europako Auzitegia, jurisprudentzia jakin bat lortzeko: berme handiena eskaintzen duten markoak hartzen dituzte (nazioartekoak, normalean), eta gero horien emaitzak tokian toki mamitzen saiatu. Elik, ordea, bestelako bide bat proposatzen zuen: zuzenbidea hackeatzea. Ez dut uste bide kontrajarriak direnik. Kasuaren araberakoa ere izango da, ezta? Guztiz. Estrasburgora iristeko azpiegitura jakin bat behar duzu, ibilbide luzeko kasu bat. Euskal Herrian, ezker abertzaleak izan ditu halako kasuak, baina, oro har, edozein erakunde politikok eraman zaitzake errazago bide horretatik, oinarrizko azpiegitura politikoa badauka. Hemen urte luzetako kondenak izan dira, eta ondorioz, ikusmolde horretan ere pentsatu da: Estrasburgora iritsi eta han ezar dezatela zer egin beharko lukeen Espainiako Estatuak. Gero, sarri, Estrasburgok markoa ezarri du, eta Espainiako Estatuak jaramonik egin ez. Elik aktibista transekin eta sexu-langileekin jarduten du, eta horiek antolatuta daude, baina ez daukate halako azpiegiturarik ere, Giza Eskubideen Latinoamerikako Auzitegira jotzeko. Bezero prekarioagoekin ari zarenean kontua da bidezidorrak bilatzea, emaitzak ahalik eta azkarren erdiesteko. Gogoan al daukazu talka hori islatzen den kasuren bat? Bada, Madrilgo Patio Maravillas gizarte-zentro autogestionatua salatu zuten, eta husteko eskatu. Bi bide har genitzakeen. Bata, maximalista: giza eskubideen markoan koka genezakeen, eta gune hori baliatzeko eskubidea aldarrikatu. Bigarren bidea erabili genuen, ordea. Frogatu genuen salaketa horretan soilik kolektibo bat salatu zutela, eta Patio Maravillas espazioan 21 elkarte zeudela, beraz, elkarte bakarrak utzi beharko zuela tokia. Epaiketa galdu zuen Patio Maravillas elkarteak, baina, ezin zituzten gainerakoak kanporatu. Askoz ederragoa zatekeen espazioan egoteko eskubidea aitortu izana, baina estrategia horrekin espazioa galduko genuen, eta aldiz, bestea baliagarriagoa zen espazioaren helburu politikoak jorratzen jarraitzeko. Dena den, handik urte batzuetara galdu zen espazioa. Garaipen horiek behin-behinekoak izan ohi dira. Zer ikasi duzu abokatu jardunda? Epaiketetan inork ez duela egia esaten. Egia konplexuegia da, ezin da epaiketa batean osoki sartu, ñabardura gehiegi daude, eta moldatu egin behar dira, azken bertsioa eraikitzeko. Ondo landutako bertsio bat beti da egia baino sinesgarriagoa. Horrek ez du esan nahi alderdi inportanteetan gezurra esaten denik beti, baina errealitatea azaltzeko kode bat da zuzenbidea, eta zentzu horretan, arbitrarioa da. Zuzenbideak ez du esaten zer egin dezakezun eta zer ez, aitzitik, ezartzen du  zer ondorio pairatuko duzun baldin eta legeak onartzen ez duen zerbait egiten baduzu. Bestalde, zuzenbidea beti aplikatzen da momentu jakin bateko indar-korrelazioaren arabera. Sarri galdetzen dizute ea zerbait legezkoa den, eta ea egin daitekeen. Bada, ez da gauza bera. Zenbait pertsonak gauza ilegalak egin ditzake, eta ondoriorik pairatu ez, eta beste batzuek, aldiz, "errugabeak" izanda, legearen zama jasan behar izaten dute. Bartzelonan egin duzu lan. Nola eta zertan igarri duzu hiriaren aldaketa zure jardunean? Administrazio-zuzenbideak gero eta indar handiagoa hartu du errepresio-estrategien barruan. Hainbat urtez, zigor-zuzenbidea baliatzen zuen botereak, arriskutsutzat jotzen zituen jarrerak zigortzeko. Azken urteotan, ordea, hainbat lege atera dituzte, hala nola zibismoaren ordenantza eta Mozal Legea. Isunak ezarri dituzte, eta eremu horretan ez daukazu epaiketetako bermerik. Zigor-zuzenbideari kritika asko egin dakizkioke; hala ere, gutxienez, defentsa-eskubidea bermatzen da. Administrazio-zuzenbidean, berriz, Bartzelonako Guardia Urbanako agente batek esaten badu zuk delitu bat egin duzula, zuk zeuk frogatu behar duzu hori ez dela egia. Administrazio-zuzenbidearen bidez ezabatu dituzte zenbait talde espazio publikotik, eta ez hori bakarrik, mekanismo hori berori barra-barra erabili dute auzoak gentrifikatzeko, beste hainbat estrategiarekin batera, jakina, halako gentrifikazio-prozesu bat ezin baita  tresna bakar baten bitartez egin. Edonola den, zuzenbidea utzi zenuen, Bartzelonatik alde egin, eta kazetari lanetan hasi, Grezian. Beti izan dut gustuko idaztea, eta dagoeneko ari nintzen, batean eta bestean. Eta jabetu nintzen, sarritan, gogo gehiago neukala auziaren berri emateko, auzia abokatu moduan jorratzeko baino. Ondoren, Greziara joan nintzen: ez nuen hizkuntza ezagutzen, ez neukan titulurik, eta maizago idazten hasi nintzen. Gainera, kazetaria izateko oso une interesgarria topatu nuen han: Syrizak irabazi zituen hauteskundeak, erreferenduma egin zen, hirugarren memoranduma... Hein batean erraza izan zen modu profesionalean lanean hastea, eta zorte handia izan dut. 2014an iritsi zinen hara. Zerekin egin zenuen topo? Ordurako zertxobait ezagutzen nuen herrialdea. Nire kidea bertakoa da, eta azken urteetan behin baino gehiagotan joana nintzen. Krisiak guztiz jotako herrialdea aurkitu nuen: klase ertaina desagertuta, pobrezia-maila oso altuak... Hala ere, bestelako une bat zen, itxaropen garaia. 2015ean ez zuen gobernuak galdu, ezpada herriak. Jende askok bazekien zer gertatzen ari zen: gobernu bat Europa neoliberalaren aurka, estreinako aldiz, gatazka instituzional irekian. Jende askok babesa eman zion Syrizari, Syriza gustuko izan ez arren, uste baitzuten bestelako Europa bat pentsa zitekeela. Eta orain... Klima hori egon badago, nahiz eta apaldu egin den. Irakurketa sinple bat egin ohi da, eta kaleko mobilizazioak jaitsi direla esan. Neurri batean halaxe da, baina, sakonean, mobilizatzeko modua eraldatu egin da, ez desagertu. Izugarria da zenbat greziar aritu diren buru-belarri errefuxiatuen alde lanean, eta ez soilik aktibistak. Nire auzoan, adibidez, emakume elkarte bat dago. Emakume edadetuak dira eta negu osoa eman dute iheslarientzako kapeluak egiten. Lesboseko hondartzetan egiten den lanak adina balio du jardun horrek, eta jende pila batek egin ditu halakoak, antolatu gabe, modu espontaneoan. Greziar asko oso egoera eskasean egon arren, arrazakeria ez da areagotu, Alemanian bezala. Zer dela eta? Batetik, iheslariekin identifikatzen dira greziarrak: "Gu izorratu gaituen Europa horixe bera ari da iheslariak izorratzen". Bestetik, 1922an, Turkia eta Grezia gerran aritu ziren. Greziak galdu zuen, eta greziar askok gaur egun Turkia den hori utzi behar izan zuten, eta gaur egun Grezia den horretara joan. Oraingo iheslarien bide berberak ibili zituzten, Ismirretik Lesbosera. Errefuxiatuen ondorengoak dira Lesboseko biztanleen erdiak, eta ez da Euskal Herrian bezala: kontua ez da zure aitona-amonak Argentinara joan zirela, baizik eta zure gurasoak etorri zirela hona, eta horrexen fruitua zarela zu zeu. Greziako eskuinak esan du ez dela egoera bera, orduko hartan greziarrak ari baitziren Greziara itzultzen. Guk, berriz, elkarrizketa egin diogu garai hartan etorritako andre bati, 82 urtekoa, eta irakurketa hori gezurtatu du: baztertu egin zituzten, pobreak zirelako, eta turkiar ere esaten zieten, iraintze aldera. Kazetari moduan, nola kokatzen duzu zeure burua? Iruditzen zait objektibotasuna ez dela existitzen, eta zintzoagoa dela adieraztea nondik idazten duen bakoitzak. Horrek ez du esan nahi erreportajeak propaganda izan behar duenik, niri ez zaizkit halako lanak gustatzen, edukiarekin ados egonda ere. Baina joera ideologikoak beti daude hor: ezin dira eragotzi, mundu guztiak ditu, eta beraz, hobe da aitortzea nondik ari zaren. Adibiderik? Iheslariei buruzko erreportaje bat egiten badut, iheslariek hitz egin behar dute, beti, ez soilik boluntarioek. Hori posizio politikoa da, eta ez da panfletarioa, inondik ere. Zentzu horretan, oso deserosoak egiten zaizkit konparazio hidraulikoak; iheslari-olatuak, iheslari-korronteak... Badirudi ontzi komunikatuez ari garela: hemen muga ixten duzu eta iheslariak beste nonbait agertzen dira, automatikoki. Jakina, gerrarik ez balego, gauzak ez lirateke hala gertatuko, baina iheslariak ez dira gerraren ondorio huts bat, erabaki batzuk hartu dituztelako etorri dira, beren bizitzen eta erabakien subjektu dira.   Feminismoari ere erreparatzen diozu. Niretzat garrantzitsua da, gai bat izateaz gain, feminismoak zeharka dezala nire idazketa, beti baldintza nazala, iheslariez ari ala lan prekarioaz. Zeharkako ardatza izan dadila. Beraz, kontua ez da iheslari emakumeei buruzko erreportajeak egitea etengabe, baizik eta aditzea ea zer dioten nire kide feministek nik lantzen ditudan gaiei buruz eta haiek egiten dizkidaten kritikak onartzea. Hori guztia esanda, argi utzi nahi dut gure lanak ez direla akatsik gabeak. Egin ditudan erreportajeak begiratzen hasiz gero, autokritika handia egingo nuke, seguru, eta espero dut ikasten jarraitzea, baina ez badiozu zure buruari helbururik ezartzen, ez zara hurbilduko. Behin baino gehiagotan esan duzu Europaren laborategia dela Grezia. Bai. Austeritatearen eta neoliberalismoaren laborategia da, izan ere, Greziaren zorra ez da kontabilitate-mekanismoa, alegia, gakoa ez da zenbat diru daukan herrialde batek, eta zenbat zor duen. Ez, diziplina-mekanismoa da zorra. Hartzekodunek ez dute nahi zorra kitatzea, baizik eta, zorraren bidez, gobernu batek egin ditzakeen politikak baldintzatzea. Adibide bat jarriko dut. 2015eko negoziazioetan, Varoufakisek eskaini zuen Greziako Banku Zentraleko zuzendarien soldata jaistea %60, eta troikak ezezkoa eman zion. Aldiz, administrazioko soldatak murriztea galdatu zieten. Irizpide politikoak dira horiek, argi eta garbi. Greziaren bidez erakutsi nahi dute, batik bat, ezin dela bestelako politikarik ezarri. Gero, Greziako aurrekaria balia dezakete, eta Europako beste herrialdeetan gauza bera egin. Aurrera begira, nola ikusten duzu egoera? Greziako bi egoerek, hala krisi ekonomikoak nola iheslarien auziak, luzera joko dute. Eta horren aurrean...? Hasteko eta behin, kritika eta mugimendu politikoa behar ditugu. Elkartasuna oso garrantzitsua da, noski. Ez nuke halako irakurketa ezkertiar dogmatiko bat egin nahi eta elkartasuna karitate hutsaltzat jo. Elkartasun horri esker, zertxobait arindu dira milioika pertsonaren bizi-baldintza izugarri gogorrak. Pertsona bakar baten bizi-baldintzak hobetzen badituzu, hori bada zerbait, beti. Baina hori ez da aski, eta mugak irekitzeko eskatu behar dugu, politikoki: ez da karitatea, eskakizun demokratikoa baizik. Eskubide demokratikoa da pertsona oro mugitu ahal izatea.
news
argia-916d7960dc04
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/emakumeen-ikuspegitik.html
Bakoitza bere bakea eraikitzen
Ane Urkola Agirrezabala
2016-06-26 00:00:00
Bakoitza bere bakea eraikitzen Ez dira berdinak izan gatazka armatuak Guatemalan, El Salvadorren eta Euskal Herrian. Gatazkak bezala bakea eraikitzeko moldeak ere desberdinak dira. Ados da Morena Herrera feminista salvadortarra. Haren ustez, emakumeak ados diren gaietan aurrera egitea da gakoetako bat. Tolosako Bizikidetza Foroak eta Mugen Gainetik elkarteak Emakumeak bake eraikuntzan hemen eta munduan mahai-ingurua antolatu zuen maiatzaren 23an. Gatazka armatuetan eta bake prozesuetan emakumeek izandako beharrak, emandako urratsak eta garatutako proposamenak landu zituzten. Morena Herrerak (El Salvadorreko La colectiva feminista para el desarrolloko ordezkaria eta FMLNko kidea izana), Rosalina Tuyuc-ek (CONAVIGUA Guatemalako Alargunen Koordinadora Nazionaleko lehendakaria) eta Irantzu Mendiak (EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako irakaslea eta Hegoako ikerlaria) hartu zuten parte. Irantzu Mendia: "Ez hiltzen gaituen gerrarik, ezta zapaltzen gaituen bakerik ere" "Emakumeen aurkako indarkeria ez da hasten gatazka armatuetan, indarkeria politikoetan, eta ezta amaitzen akordioak egiten direnean ere", adierazi zuen Mendiak. Gaur egun, emakumeen aurkako indarkeria politikoak jarraitzen du: "Intentsitatea, kokalekua eta indarkeriaren formak eta testuinguruak aldatu dira –krimenak, kartzela, atxiloketa–, baina emakumeen aurkako indarkeriak jarraitu egiten du. Euskal Herriko egoera politiko berrian, bakeaz hitz egiten ari gara, elkarbizitzaz, baina gabezia demokratiko handiak daude: indarkeria ez da amaitu, emakumeak hiltzen dituzte". Indarkeria armatuaren analisi feminista egitea garrantzitsutzat jo zuen: "Kontuan hartu behar da emakumeen aniztasuna: emakumeek borrokatu egin dute, giza eskubideen alde borrokatu dute edo rol tradizionalak bete dituzte, bizitzaren sostenguarekin lotutakoak". Guatemala eta El Salvadorreko emakume borrokalarien inguruan ari zen hizketan. El Salvadorren talde feminista ez zegoen bake negoziazioetan 1990ean sinatu zituzten bake akordioak FMLNk eta Gobernuak. "Kontraesan handia sentitzen genuen. Alde batetik, poztu egin ginen ez genuelako gerrarik nahi, eta bestetik, akordio horiek ez zituzten barnebiltzen jendearen aldarrikapen guztiak. Amets asko gauzatu gabe gelditu ziren", esan zuen Morena Herrerak. Bake akordioak "demokraziaren berfundaziorako" bide egokiak zirela pentsatu zuten, baina kolektibo feminista ez zegoen testu horietan, ezta edukietan ere: "Ez gintuzten akordio horietan aitortu ere egiten. Indar gerrillariaren %30 ginen eta gerrilla sostengatzen zuen oinarri sozialaren %60. Gerrak sekulako eragina izan zuen sexualitatean eta amatasunean; mendia ez zen neutroa". Herrerak azpimarratu zuen 23 urtetan hainbat gauza aldatu direla: beldurrik gabe borrokatzeko eskubidea eta marko ekonomiko eta soziala, besteak beste. "Ekonomia ikuspegitik, lurrak hain garrantzitsua izateari utzi dio. Emakumeak gutxietsi gintuzten lurrak esleitzeko garaian. Borrokatu genuen eta azkenean lortu genuen lurren %8 beharrean %30 izatea". Poliziarekin akordioa lortu zuten. Haien helburua segurtasun zibilaren ikuspegia aldatzea zen. 2009an hasita, genero indarkeriaren biktimen inguruan formatu zituzten poliziak eta buruzagitza bera. Eskubideen onarpen formala ere lortu dute, indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko lege berezia, kasu. "Emakumeen aurkako indarkeria gehienak barnebiltzen ditu, baita emakumeak artatzeko prozedurak ere". Guatemalan militarrak jomugan jarri zituzten 1960 eta 1996 artean iraun zuen gerra zibila ezagutu zuen Rosalina Tuyucek. Gatazka armatu ondorengo bake negoziazioaz aritu zen mahai-inguruan. Biktima askok ez zuten negoziazioetan parte hartzeko eskubiderik izan, "garestiegia zen haientzat". 1996an hasi ziren negoziazioak. Armadak, gerrillak eta Estatuak hartu zuten parte, eta Eliza Katolikoa eta Nazio Batuen Erakundea izan ziren ikuskatzaileak. Gizarte zibilak bitartekarien bidez hartu zuen parte. Gardentasunaren aldeko borroka gidatu zuten eta eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak aldarrikatu zituzten. Mugimendu feministaren eskaera garrantzitsuena emakumeen justizia izan zen. "Emakumeok sexu gehiegikeriak jasan genituen, militarrek bortxaketa masiboak egin zituzten". Epaileak, fiskaltzak, eta oro har, giza eskubideen aldeko emakumeak elkartu ziren militarrak zigortzeko. Garrantzi handiko prozesu judiziala jarri zen martxan tortura, krimen eta indigenen aurkako bortxaketak egozten zizkieten militarren aurka. Irantzu Mendia: "Euskal Herriko mugimendu feminista banatu egin zuen borroka armatuaren aldeko edo aurkako hautua egin behar izateak. Oraindik ere zauriak irekita daude" Prozesu judizial horren garrantzia nabarmendu zuen Tuyucek. "Prozesu horren ondorioz, emakumeak ahaldundu egin ziren eta emakumeen osasun mentala indartu zen. Urte askoan erantzukizuna gurea zela sentitu genuen, eta orain pentsatzen dugu militarrena izan zela erantzukizun osoa". Tuyucen ustez, arrazoia da garrantzitsuena. "Gure hitzak, gure arrazoiak eta gure historiak baino ez dute balio. Arrazoia erabili behar da eta ez indarkeria, hori da garrantzitsuena horrelako prozesuetan". Era berean, inolako bazterketarik gabe, hainbat belaunalditako jendearen parte-hartzea azpimarratu zuen: "Emakumeek eta gizonek hartu behar dute parte. Gazteriak eduki behar du erabakiak hartzeko boterea. Historia ezagutzen ez duen gazteriarekin zaila da behar ditugun aldaketa sozial guztiak martxan jartzea". Gizarte zibilak parte hartzearen garrantzia Irantzu Mendiaren ustez,  nabarmentzekoa da gizarte zibilak bake negoziazioetan parte hartzeko aukera eduki izana Guatemalan, El Salvadorren ez bezala. Horri esker emakumeen arteko sareak sortu zituzten, eta aldi berean, erronka handia izan zuen mugimendu feministak: "Mugimendu feministak artikulatutako proposamena eman behar izan zuten negoziazio mahaira, eta akordio minimo batzuk  lortu behar izan zituzten". Soziologoa ezkorra da Euskal Herriko mugimendu feminista gaur egun hori egiteko gai izango litzakeen gogoetatzerakoan. "Borroka armatuaren aldeko edo aurkako hautua egin behar izateak Euskal Herriko mugimendu feminista banatu zuen. Oraindik ere zauriak irekita daude. Mugimendu sozial moduan puntu batzuetan bat egin beharko genuke emakumeen gaia erdigunean jartzeko". Morena Herreraren iritziz, "bake bakoitza ezberdina da, baina garrantzitsuena da bat gatozen puntuetan aurrera egitea". Herrerak argi du emakumea dela milurteko honen protagonista: "Guk borrokatu ezean, ez du beste inork gure eskubideen alde egingo".
news
argia-fd391c285c01
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/azkena-lehengora-bueltan.html
Azkena, lehengora bueltan
Jon Aranburu Artano
2016-06-26 00:00:00
Azkena, lehengora bueltan 15 urte bete ditu Azkena Rock festibalak. 15 urtetan talde asko eta oso interesgarriak pasa dira aurrena Azkena aretotik (oraingo Jimmy Jazz), eta gero Mendizabalako aparkalekutik. Azken urteetako joera, baina, beheranzkoa izan da. Talde interesgarri gutxi, jendetza ekartzearen aitzakian, Rock-a eta bere ahizpen erakusleiho txukuna izan zena, eta musikazaleen errespetua zuena, ohiko festibal-parke tematiko bihurtzen ari zen. Aurten, hala ere, bazegoen esperantza, kartela ikusita. The Who buru, Hellacopters azken momentuan gehituak (Primal Scream-en ordez) eta beste hainbat izen handi, eta ez hain handi. Ostiralean, nabarmentzekoak Americana estiloaren bueltan ibili zirenak, eta euren artean, batez ere, Daniel Romano kanadarra. 70eko hamarkadako rockean ongi errotutako proposamena, eta kantu dotoreak. Gertutik jarraitu beharrekoa. Lucinda Williams zen ostiraleko izen handietako bat. Banda sinplea ekarri zuen: bateria, gitarra eta baxua, beraz gain. Sinplea, baina indartsua. Reggae ukituko pasarte bat kenduta, emanaldi bikaina eskaini zuen Louisianarrak, Donald Trump-en kontrako aldarri eta guzti. Hellacopters eta Danzig ere izen handien artean zeuden, baina ez zituzten jendearen espektatibak bete. Lehenek beraien lehen diskoa jo zuten oso-osorik, eta ez zuten lortu jendearekin konektatzea, bisetan disko berriagoetako kantu pare bat jo arte. Danzig berriz, egiari zor, ez genuen ikusi. Hori bai, "katedra"k esandakoaren arabera, ez genuen ezer galdu. Luke Winslow King New Orleansdarra izan zen gaueko beste sorpresa dotore bat: ustez akustikoan arituko zena, talde elektrikoarekin etorri zen eta New Orleansko blues erakustaldi galanta eman ziguten. Larunbatean, azpimarratzekoa Sumision City Blues eta Cobra izan zirela, ostiralean aritu ziren Los Brazosekin batera, Euskal Herriko eszenaren ordezkari, eta euskara (kanta eta kanta artean, hori bai) festibalera eraman zutenak. Bestela, Murciako jaialdi bat ere izan zitekeen. Australiarren set-a ere, arratsaldean aritu ziren Radio Birdman eta The Scientistsekin, dotore aritu ziren. Imelda May irlandarrak ere dantzan jarri gintuen rockabilly eta country uztarketa dotorearekin. Gozatua izan zen. The Who zetozen, baina. 23:00etan puntuan ekin zioten lanari Daltrey, Townsend eta konpainiak, I Can't Explainekin. Hasieratik errotarena egin eta egin, gogotsu eta indartsu ikusi genuen Pete Townsend. Azkena jo zuten Won't Get Fooled Again arte, ordu eta erdiko kantu zerrenda dotorea eskaini ziguten; izan ere, badute non aukeratua. Duin aritu ziren, eta ia tatxarik gabeko emanaldia eskaini zuten, eta gozatu genuen. Azken urte kaskarrei buelta eman zaien inpresioa dut. Taldeen aukeraketan asmatu dela, eta lehen bezala, erreferentziazko jaialdia izatera buelta daitekeela horrela jarraitzen badu.
news
argia-ba28f08842c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/borrokan-su-eta-ke-lan-legea-kendu-arte.html
Borrokan su eta ke lan legea kendu arte!
Jakes Bortairu
2016-06-26 00:00:00
Borrokan su eta ke lan legea kendu arte! Pasa den martxoan hasi zen, modu atipikoan: internet bidezko izenpetze bilketa eta sare sozialetan deialdi bat. Hiru hilabete berantago El Khomri izeneko lan legearen kontrako mugimenduak irauten du. Zergatik? Hamarkadetako borroken ondorioz langileria babesteko sortu zen lan kodearen kontrako eraso latza da lege proiektua. Arauen hierarkia hankaz gora ezartzen du, erran nahi baitu, orain arte enpresa edo sektore mailan adosturiko hitzarmenek legean finkaturiko minimoen gainetik izan behar zutela. Lege berriarekin, negoziaketako gune nagusia enpresa bilakatzen da eta hitzarmenek ez lukete ezertan errespetatu beharko sektoreak edo legeak finkaturikoa, beheranzko konkurrentzia bizia sortuz. Lege proiektu hori haserre soziala piztu zuten beste hainbat gertakarien ondotik dator. 2012an finantza mundua borrokatuko zuela hitz eman ondoren, François Hollandek, presidente bihurturik, lerroz lerro segitu du agenda neoliberala. Bankuen aktibitateak mugatu ordez babesteko legea, nagusientzako opari fiskal handiak, 2013ko erretreta erreforma, urgentzia egoeraren jarraipena, Notre Dame des Landeseko proiektua (Naoned; Loirako herria), immigranteekiko tratamendua...  Astez aste, borroka mota desberdinek uztartu eta elkar elikatu dute, koktel harrigarri bezain emankorra sortuz Legea prestatzerakoan kontzertatzerik ez, eta Frantziako Asanblada Nazionalean eztabaida saihesteko Konstituzioaren 49. 3. artikulua –arma famatua– darabilte. V. Errepublika sortu denetik sekula ez da sinesgarritasun hain apala duen gobernamendurik izan. Astez aste, borroka mota desberdinek uztartu eta elkar elikatu dute, koktel harrigarri bezain emankorra sortuz: ikastetxe eta unibertsitate batzuetako mobilizazioekin hasi, Gaua Zutik izeneko mugidarekin segitu, ekonomiaren blokatze ekintza ugari eta sektore estrategiko batzuen greba mugagabeak, asteroko mobilizazio egunak tarteko. Denbora guztian poliziaren jokamoldea bortitza izan da, hamarnaka zauritu eraginez. Parean, frantses hiri nagusietan poliziari aurre egiteko ehunka jende antolatu eta prestatu da. Aurreko mugimendu sozialetan, 1995, 2006 edo 2010ean eskuina zen boterean eta ezkerreko oposizioak mugimendua sustengatzen zuen. Balizko alternantzia politikoak hobetze bat ekar zezakeen ustea bazen. Aldi honetan sozialistak ditugu gobernamenduan politika neoliberalaren katixima aplikatzen, Europa osoan bezala. Datorren urteko hauteskundeetan indarrean itzultzeko aukera handiak dituen eskuina, gai sozial eta ekonomikoen erradikalizatze prozesu batean sartua da, bere programaren parte handi bat aplikatua ikusirik. Legearen kontra den gehiengo sozialak badaki bizkarra paretaren kontra borrokatzen duela: legea indarrean sartuz gero, mugimendua galduz gero, oraino zailago izanen da sozialistek ireki eta eskuinak segituko duen lan munduaren kontrako erasoei buru egitea.
news
argia-60906a5334d3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/baratzeko-umoretik-altza-porru.html
Baratzeko umoretik 'Altza Porru'
Itsaso Zubiria Etxeberria
2016-06-26 00:00:00
Baratzeko umoretik 'Altza Porru' Garaiko produktuak dastatzeko aukera izan dute hilaren 16an Karabeleko ekonekazaritza etxalde esperimentalerako gunera gerturatu direnek. Jakoba Errekondok zortzi euskal marrazkilarirekin eta ARGIArekin elkarlanean argitaratu duten 'Altza Porru' liburuaren aurkezpenari hasiera emateko leku aproposa topatu dute, albahaka eta tomate landare artean, iritsi bezala gaian sartzen joateko. Bizi Baratzea proiektuaren barruan kokatzen da bigarren liburu hau, lurrari lotua dena irudi eta umoretik ezagutzeko aukera ematen duena. Maialen Lujanbiok hartu du hitza Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak emandako azalpentxoaren ondoren, eta hitz egin digu liburuan idatzitako hitzaurreaz. Kalekumia. Nire burua ikusi ahal izan dut egoera horretan, ni izan nintekeen Tomate Urdinduaren Komandoko zaharrei irri nano bat egingo ziena, lauhortzekoa eskuan amonari noizbait entzundako hiztegia errepasatzen ari nintzen bitartean. Idoia Torregaraik egin du Jakoba Errekondoren aurkezpena, herrikidea izanik askok baino hobeto ezagutzen baitu, bere terrenoan, egoera naturalean. Jakobak berak eman dio liburuari errepasorik sakonena jendaurrean. Marrazkilariek egindako komikiak tartekatzen dituen testuak idatzi ditu Errekondok, ilargia, euskarazko esaerak, baratzearen diseinuak edo landareei eta lurrari lotutako irainak gaitzat hartuta. Komikilariek hiru ariketa egin behar izan dituzte liburuan. Batetik gai librean ortuaren inguruko istorio bat sortu dute; bigarrenik Jakobak irratian jasotzen dituen galderak eta emandako erantzunak hartu eta bakoitzak galdera/erantzun bat irudikatu du; eta hirugarren ariketari Desafioka izena jarri diote, bertsotako kartzelakoaren estilokoa. Karabelekon ere lanean jarri dituzte, margoak eskuan, Ainara Azpiazu "Axpi", Joseba Larratxe, Antton Olariaga, Asisko Urmeneta, "Mattin" Martiarena eta Zaldieroa, eta azaldu dute bakoitzaren zer aurkituko dugun 'Altza Porru'n. Unai Iturriagak eta Unai Gaztelumendik ezin izan dute aurkezpenean egon, baina momentuan egindako beren karikaturekin ekarri dituzte. Bete eta osasuntsu ezin baitaiteke izan irribarrerik gabe!
news
argia-ff28a18d8868
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/pedro-bereterra-zure-zerbitzura.html
Pedro Bereterra, zure zerbitzura
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-06-26 00:00:00
Pedro Bereterra, zure zerbitzura Napoles, 1528. Pedro Bereterra itsasgizon, militar eta ingeniari nafarra hil zuten Castelnuovo gazteluan. Karlos V.aren soldadu espainiarrek preso hartua zuten eta, itxuraz, gazteluko gobernadoreak berak asfixiatu zuen, Bereterra estimatuari urkamendiaren desohorea saihesteko aukera emateko. 1460 inguruan jaio zen Garden, Erronkarin. Gaztetan joan zen Italiara, Zangozan ezagutu omen zituen merkatari genoar batzuekin batera. Haien zerbitzura hasi zen lanean eta, ondoren, Napolesko errege Fernando I.aren seme Joan kardinalaren agindupean jardun zuen, hura 1485ean hil zen arte. Badirudi kortsario ere aritu zela Napolesen zerbitzura, horren berri zehatzik iritsi ez zaigun arren. Florentziarrekin bat egin zuen Genoaren aurka. Eta Adriatikoko itsas potentzia nagusi zen Veneziako Errepublikako ontziren bat harrapatzea ere lortu zuen. 1500ean Gaztela eta Aragoiko armadak preso hartu zuen eta haiekin bat egin zuen, nagusiki Afrika iparraldeko gerretan aritzeko.  Orango konkistan eta Bugia nahiz Tripoliko guduetan jardun zuen, besteak beste, eta Italian bertan, frantziarren aurka aritzea ere egokitu zitzaion. Fernando Katolikoak Oliveto konde titulua eman zion eta kapitain jeneral kargua lortu zuen. Frantziarrek Ravennan hartu zuten preso 1512an eta, hiru urte giltzapean egon ondoren, konde tituluari eta karguei uko egin eta frantziarrekin bat egin zuen aurrez kide izan zituen espainiarren aurka, azkenekoz giltzapetu eta hil zuten arte. Zenbait historialarik, espainiar historiografia militarrak nagusiki, traidoretzat jo izan du Pedro Bereterra, baina kontua da bere zerbitzua armadei eskaini baino, armadek eskatu zutela haren zerbitzua. Itsasoan trebea bazen, are estimatuagoak ziren haren gaitasunak lehorrean. Infanteria antolatzeko metodo berritzaileak erabiltzen zituen eta, batez ere, gotorlekuak erasotzeko mina bereziak asmatu zituen, garaiko gerra estrategietan eragin handia izan zutenak. Iruñean bada Oliveto Kondea izeneko etorbide bat. Tituluari uko egin ziola kontuan hartuta, ez dakigu haren omenez ala gaitzespenez jarri zioten izena kaleari.
news
argia-0789f0d20053
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/baimena.html
Baimena
Edu Zelaieta Anta
2016-06-26 00:00:00
Baimena Guraso izateko legezko baimenik ez dela behar kontu aski ezaguna da; hots, guraso bihurtzea (ia) edonoren esku dagoela, familiadun geroaz bermerik egiaztatu beharrik gabe. Alde horretatik, konparazio jakin bat egiten ohi da: autoak gidatzeko baimena ezinbestekoa den bezala, antzeko azterketaren bat eskatu beharko litzaiekeela gurasogaiei euren gaitasuna/egokitasuna frogatzeko. Inguruan arestiko hizpidea atera denean, zure belarrien estalduraren arabera, ez duzu inor ikusi benetan proposamenaren alde. Komentario (ustez) irrigarriaren mailan gelditzen da beti, lagunarteko beste gai batera pasatu aurretik. Aspaldiko laguna duzun Maitek deitu zizun lehengoan berria emateko: Alfredorekin zuen harremanak bereak egin ditu, hemeretzi urteko egonkortasun epelaren ondoren. Gaztaroaren hasieran ezagutu zuen mutilaz gaizki esaka aritu gabe, dagoeneko ondorio argi bat atera omen du aferatik: autoak gidatzeko baimena ezinbestekoa den bezala, antzeko azterketaren bat eskatu beharko litzaieke bikotekidegaiei euren gaitasuna/egokitasuna frogatzeko. Kalean zehar dabiltzan oinezkoek ondorio lazgarriren bat pairatu baino lehen.
news
argia-ec1d5c774850
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/corrandescola.html
Gaztetxoak katalanez inprobisatzen
Dabi Piedra
2016-06-26 00:00:00
Gaztetxoak katalanez inprobisatzen Helburua ez da glosak eta corrandak berreskuratzeaz gaztetxoak arduratzea.  Kontua da katalana aisialdiarekin, ondo pasatzearekin, lotzea. Irakasleak ikasleak inprobisazio mota honekin motibatzen saiatzen dira, lortuz gero, bai ala bai, katalanez arituko baitira, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo. Euskarari gertatzen zaion bezala, gaztetxoen aisialdian du erronkarik gogorrenetakoa katalanaren normalizazioak. Ondo pasatzeko bitarteko gehienak –bideo-jokoak, telesailak eta modako musika, adibidez–, gaztelaniaz daudenez gehienbat, erne daude hizkuntzaren aldeko eragileak, neska-mutilek ez ote duten lotuko ondo pasatzea gaztelaniarekin soilik, katalana ikasgelarako utzita. Horregatik, Corrandescola egitasmoak haize feskoa ekarri du. Corrandisten eta glosadoreen tankeran inprobisatuta, katalanaren alde ludikoarekin egin dute topo. Ez hori bakarrik, adierazkortasuna eta musika lantzen dituzte, baita jendaurreko jardunari beldurra galdu ere. Albert Casals, Bartzelonako UAB unibertsitateko irakaslea dago Corrandescolaren abiapuntuan. 2006-2007 ikasturtean tesia idatzi eta programazio berritzailea ezarri zuen, proba gisa, Kataluniako hiriburuko eskola batean. Hurrengo ikasturtean, beste lau eskolatara eraman zuen egitasmoa. Behin betiko proposamena, Corrandescola programa didaktikoa, 2009an aurkeztu zuen. Lehenago ere, katalanezko inprobisazioa erabiltzen zen helburu pedagogikoekin, baina funtsezko arazo batzuk bazirela konturatu zen Casals: ume txikiekin baino ez zen lantzen eta identitatearekin lotuago zegoen, pedagogiarekin baino. "Inprobisazioak eskola-curriculumeko gainerako arloetan eragin zezala nahi nuen, adibidez hizkuntza lantzeko", dio Casalsek. Glosadoreen eta corrandisten tradizioa, Herrialde Katalanetako inprobisazio moldeetako bat da, Kataluniako Printzerrikoa jatorriz –Menorcan, Mallorcan, Valentzian eta Ebroko lurretan ere badira katalanezko beste inprobisazio batzuk–. 1990eko hamarkadan galtzear egon zen, baina gaur egun, tradizioak osasun hobea du. Hala ere, Albert Casalsek dioenez, Corrandescolaren helburua ez da ohitura hori berreskuratzea eta sustatzea, helburu pedagogikoetarako erabiltzea baizik. Ez dituzte inprobisatzaileak eskoletara eramaten, alderantziz baizik. Hau da, irakasleei ematen diete formakuntza, inprobisazioaren nondik norakoak barnera ditzaten, gero ikasgelan lantzeko. "Horrek alde didaktikoa ondo garatuko dela bermatzen digu eta curriculumaren beste alderdi batzuk inprobisazioarekin uztartuko direla". Casalsen tesiaren harira, Lehen Hezkuntzako maisu-maistra batzuk elkartzen hasi ziren, eredu berritzaile hura ikasgelara nola eraman aztertzeko. Tartean zen Gemma Pla, Cor de Cartxofa kultur elkarteko kidea eta Cassa de la Selva herriko eskolan musika irakaslea. Bere kabuz ere landua zuen aurretik inprobisazioa ikasleekin eta Corrandescolari berehala antzeman zizkion hainbat onura. "Liburuetatik eta koadernoetatik aldentzen da katalana, ikasleek gozatu egiten dute, hizkuntzarekin jolastu eta kantatzen dutelako", dio Plak. Eskaria hazten Bost urte inguru daramatzate Corrandescola ikastetxeetan modu antolatuan ezartzen, Albert Casals koordinatzaile dela. Urtetik urtera, gero eta ikastetxe gehiago batzen zaizkie. Aurtengo ikasturtean, esate baterako, ia 40 eskolak parte hartu dute, hau da, 700 neska-mutil inguruk. Programa ofizialetik kanpo ari diren ikastetxeen berri ere badu Casalsek, haien formakuntza jaso duten irakasle askok beren kabuz eramaten baitute Corrandescolako metodologia ikasgelara. Hortaz, ezin jakin zenbat ikasle ari diren, guztira, inprobisazioa lantzen. Glosak eta corrandak, funtsean, jendaurreko jarduera direnez gero, eskolarteko topaketak egiten dituzte kurtso amaieran, gelan ikasitako guztia erakusteko. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako neska-mutilek oholtzatik abesteko aukera dute, ikaskideak eta beste eskola batzuetako gazteak entzule direla. Aurten lau topaketa antolatu dituzte. "Ez dago lehiarik, erakustaldiak dira funtsean", dio Casalsek. "Azken finean, helburu nagusia da, ikasle guztiek edo gehienek publiko aurrean kantatzea eta inprobisatzea". Corrandescolaren metodologia praktikan oinarritzen dela dio Casalsek. Katalan eta musika arloetako irakasleak dira arduradun nagusiak. Kontzeptu errazenak lantzen hasten dira: doinuak zeintzuk diren, nola errimatzen den eta abar. Ondoren, inprobisaziorako beharrezkoak diren gaitasunak ikasten dituzte, hala nola, baliabide estilistikoak eta oholtzan izan beharreko jarrera. Gemma Plak dioenez, ikastetxe bakoitzaren mailara egokitu behar dute programazioa: "Ez da gauza bera ikasle guztiak jatorriz katalan hiztunak izatea edo kanpotik etorritako ikasle asko egotea. Katalana ez bada beren lehen hizkuntza, gauza errazekin hasten gara, esaterako errima pareekin". Bizipen positiboak "Motibazioa areagotzen duen jarduera ludikoa da, ikasgelatik kanpo ere praktikatzera bultzatzen ditu gazteak", azpimarratu du Casalsek. Hizkuntza gaitasunean eragin positiboa du horrek eta, gainera, jendaurrean hitz egiteko, diskurtsoa egituratzeko eta norbere akatsak onartzeko baliabideak ematen ditu. "Sintesirako gaitasun itzela lortzen dute neska-mutilek, lau bertso-lerrotan dena esan behar dute!", gaineratu du Gemma Pla irakasleak. Estereotipoak gainditzen ere laguntzen du, arlo akademikoan kili-kolo dabilen ikaslea inprobisatzen iaioa izan liteke eta. "Ikasleak pozik daude, funtzionatzen du", ziurtatu du Plak. Nolanahi ere, onuradun nagusia katalana bera da. "Hizkuntza guztientzat, batik bat estaturik gabekoentzat, ezinbestekoa da bizipen positiboekin lotura izatea", azaldu du Casalsek. "Jatorriz katalan hiztun ez diren askoren aurreiritziak gainditzen lagundu digute glosek". Inguruko hizkuntzetan ez dago antzeko tradiziorik eta, hartara, ikasleek naturaltzat jotzen dute inprobisazioa katalan hutsean egitea. "Raparekin, adibidez, ez da hori gertatzen, katalanez ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere badela ikusten baitute".   "Hizkuntza batek biziraun dezan, nahitaezkoa da hiztunek bizitzako gauza guztiak hizkuntza horretan egin ahal izatea, iraindu, ondo pasatu eta poesia erromantiko bat idatzi", nabarmendu du Casalsek, "horregatik, geure-geureak diren elementu ludikoak behar ditugu eta inprobisazioak zeregin hori betetzen du". Corrandescolaren asmatzaileak ziurtatu duenez, "katalanaren geroa aisialdiaren eremuan erabakiko da".
news
argia-a0a7b475dc2b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/zergatik-urratu-zuen-ertzaintzak-informazio-eskubidea.html
Zergatik urratu zuen Ertzaintzak informazio eskubidea?
Xabier Letona
2016-06-26 00:00:00
Zergatik urratu zuen Ertzaintzak informazio eskubidea? Gorka bereziartua ARGIAko kazetariari egin dio eraso oraingoan Ertzaintzak, Gipuzkoa Zutiken batzar baten nondik norakoak jasotzen ari zela. Grabatzen ari zela hurbildu zitzaion ertzain bat eta bere lana egitea eragotzi zion, kamara kentzeko ahaleginean lurrera botaz eta, galtzak eta jertsea apurtuz. Erasoaren aurrean, kazetaria zela argi adierazi zion Bereziartuak ertzainari, baina horrek ez zuen honen oldarra gerarazi. Bai eragotzi zuen, ordea, kazetariak bere lanarekin jarraitu ahal izatea, gertatu zena guztiz jasotzeko aukera barik utziz. Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak, beraz, bi galdera sinple erantzun beharko lituzkete: bat, zergatik zapuztu zuten Bereziartuak gertakariez informatzeko duen eskubidea? Bi, zergatik hain era bortitzean? Ez dut erantzun egoki baterako esperantzarik, ordea. Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak antzeko egoera bat jasan zuen 2013ko apirilean –are eta bortitzagoa– Donostiako herri harresiaren gertakizunen berri ematen ari zela. Gero Rikardo Arregi Saria jaso zuen lan harengatik. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean argi erantzun zion Iñigo Iturrate jeltzaleak: "Ertzaintzaren jarduera eredugarria izan da". Esperantzarako zirrikituak, aldiz, beti utzi behar dira irekita, batez ere Herrizaingoan agintzen duen alderdi bereko kide ugarik oso bestelako iritziak dituztelako informazio eskubideaz. Maiatzean eman zion Bizkaiko Diputazioak saria Radio Euskadiri, honek bere 70 urteko ibilbidean "askatasuna eta pluralitatearen alde" egindako lanagatik. Bidezkoa eta logikoa den legez, EITBko goi kargu batek pozik hartu zuen saria: "Radio Euskadiri esker, beren egoera fisikoa arriskuan jartzen duten pertsona askoren lanaren ondorioz, informazio askatasuna eta ideien askatasuna etxe guztietara iristen da". Kendu aipatu irratiaren izena eta jarri edozein komunikabiderena. Informazioa askatasunean sinesten duen edozeinek sinatzeko modukoa da esaldia. Baina ARGIAko kazetariari ez zioten utzi bere ikus-entzunezko lanarekin etxe guztietara iristen. Zergatik? Zein kalte egiten zion Ertzaintzari? Edo akaso galdera bestelakoa izan behar da: zein kalte egiten zion botereari? Ertzaintzak eta haren arduradun politikoek erantzun beharko diote horri, baina bistan da herritarren askatasunari guztiz lotua dagoela eta berau etengabe ari dela bortxatzen Ertzaintza –eta Donostiako Udaltzaingoa– Gipuzkoa Zutik mugimenduari dagokionez. Bereziartuari gertatutakoa larria da askatasunen ikuspegitik, baina hori bezain larria da herritarrak baimenik eskatu gabe ezin batzarrik egitea Diputazio aurrean –edo haiek erabakitzen duten espazio publikoan– eta Ertzaintzak identifikazioaren aitzakian, batzarra eragozten saiatzea. 1992an Corcuera Legea abiarazi zuen izen bereko PSOEko ministroak. Besteak beste, poliziak herritarrak edonon identifikatzeko atea guztiz ireki zuen. Eskubideetan atzera egin zen nabarmen, hala baloratu zuten alderdi guztiek, PSOEk izan ezik. Gerora, Mozal Lege ospetsuak informazio eskubidea polizien erabakiaren esku utzi du: poliziak nahi badu grabatzen da, bestela ez. Hori gertatzen ari da Gipuzkoa Zutiken, izan kazetari edo izan herritar –nork zehazten du kazetari izatea zer den?–, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batean bai eta hurrengoan ere bai grabaketak egitea debekatzen dituztenean. Mozal Legea ere atzerakada handia dela iritzi diote ia denek, salbu eta PPk eta poliziaren hainbat sindikatuk. Ertzaintzaren kasuan Erne presionatzen ari da Mozal Legea aplika dadin. Eusko Legebiltzarrak eta Gipuzkoako Baltzar Nagusiek, ostera, lege horren aurkako ebazpenak onartu berri dituzte. Orduan, nola uler liteke Legebiltzarrean aurka egotea eta gero kalean indarrean jartzea? Herritarren, kazetarien eta oro har gizarte zibilaren zaintza barik, eskubideak urardotzeko joera etengabea da boterearen aldetik. Horregatik da hain garrantzitsua Bereziartuak erabiltzen zuen mugikor hura, eta Ertzaintzak ere gogoz kendu nahi izan ziona.
news
argia-2b8ea5bf768e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/zornotzako-barnetegia.html
Euskara ikasten lagunduko dizu ARGIAk
Itsaso Zubiria Etxeberria
2016-06-26 00:00:00
Euskara ikasten lagunduko dizu ARGIAk Zornotzako barnetegian ARGIA erabiltzen dute euskara ikasteko. Hori entzun dugu orain aste batzuk. Eta ARGIAko lantalde guztia emozionatuta, noski! "Euskararekiko harremana bultzatzeko tresna egiten dugu", "euskara ikasleei euskal prentsan murgiltzeko aukera ematen diegu"... zirrara zurrunbiloaren erdian baten batek botatzen duen arte: "Hau komunitatean sartu beharra dago!". Hor bukatzen da batzuen orgasmoa eta nire txanda heltzen da. Beraz, hemen natorkizue Zornotzako barnetegian ARGIArekin daukaten harremana kontatzera. Egia da, agian ez horren modu esajeratuan, baina Zornotzan lortzen dutela ikasleen eta ARGIAren artean feeling-a sortzea. Urteak dira harpidedun direla, eta ariketa ezberdinak egiteko baliatzen dituzte testuak: hiztegia lantzeko, irakurri ondoren leitutakoa azaltzeko, egitura ariketak egiteko... Gaietan anitza izateak jokoa errazten die irakasleei, eta gozagarriago egin ziurrenik ikasleei. Aitortu digute, ordea, ARGIA.eus webgunea erabiltzen dutela asko, multimediako bideoak eta blogetako sarrerak lantzeko. "Jaun eta jabe" edo "Martin" bezalako telesailak baliatzen zituzten orain urte batzuk ikus-entzunezko ariketak egiteko, baina gaur ARGIA bezalakoek duten material guztiarekin ikasleak errealitatera hurbiltzeko aukera ematen du. Gaurkotasunezko gaiak landuz, euskara ariketa soila izatetik, lau pareten artetik atera eta baliagarri ikusten dute; baliagarri informazioa jasotzeko, baliagarri informazioa zabaldu edo partekatzeko, eta baliagarri zure iritzia euskaraz emateko. Ikasleak beren gustuko gaiak euskaraz ere irakur, ikus edo idatz ditzaketela jabetzen dira, eta klasetik kanpo euskaraz funtziona daitekeela ere bai. Zazpigarren urratsaren bueltan hasten dira eskoletan horrelako materiala lantzen, baina aldi berean Zornotzako barnetegiak urtean zehar bere sare sozialetan zabaltzen ditu interesgarri zaizkion ARGIAko eta beste zenbait euskal hedabidetako elementuak; euren hitzetan"denona baita euskara ahalik eta gehien zabaltzea eta hizkuntzarekiko konpromisoa hartzea".
news
argia-7e7074bf4cbe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/patata-zomorroaren-gerra.html
Patata zomorroaren gerra
Jakoba Errekondo
2016-06-26 00:00:00
Patata zomorroaren gerra Patata zomorroa Europako ehun izurrite txarrenen artean dugu. Gerra ederra ematen du. Oligofagoa da, hau da, jaki gutxi batzuk besterik ez ditu jaten: patatak (Solanum tuberosum), baina bere senide diren alberjiniari (Solanum melongena) eta tomateari (Solanum lycopersicum) ere erasotzen die. Belarjalea da eta, harra denean bezala heldutan, koskaka-koskaka, di-da batean, landarea goitik behera soildu dezake; hostoa, lorea, zurtoina, den-dena jaten du. Patata zomorroa edo patata kokoa AEBetako Colorado eta Mexiko artean ezagutu zen, 1824 aldera. XIX. mendearen amaieran Alemanian azaldu zen, baina erraz menderatu zuten. Lehen Mundu Gerran egonkortu zen Europan, Bordele aldameneko estatubatuarren base militarrean. Bigarren Mundu Gerran bizi hedatu zen: Belgika, Herbehereak, Espainia... Gerra ondoren, Ekialdeko Alemanian ikaragarrizko izurritea izan zuten, eta estatubatuarrek hegazkinez zabaldu zutelako kontua zabaldu zen. Varsoviako Ituneko herrialde "komunistek", CIAren konplota zelakoan, ikaragarrizko kanpaina egin zuten, eta ikastetxeetan erakusten zitzaien haurrei zomorroari kontra nola egin. Duela bi urte, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran, ukrainarrek patata zomorro deitzen zituzten errusiazaleak; azken horiek Errusiako ikur militar ezagunena den marra beltz eta urre kolorekoak dituen xingola bat zeramaten soinean, zomorroaren itxura berekoa. Patata zomorroa bere burua egoera txarrenetara egokitzeko gai den intsektu xelebrea eta egoskorra da. Adibidez, DDT intsektizidari aurre egiteko erresistentzia garatu zuela egiaztatu zuten AEBetan 1949an; pozoi izugarri horri kontra egiten lehena izan zen. Horrexegatik oso zaila da pozoi kimikoekin berari aurre egitea. 2015. urterako, 55 produkturi buru egiteko gai zen. Kimikan ere, ez dago zomorro hau garaituko duen produkturik. Gerrak asko erakusten du, ordea. Zomorroaren arerioak ezagutzen ari gara. Lurreko zomorro batek, Lebia grandis, patata zomorroaren arrautzak eta hartxoak jaten ditu. Eta ikaragarrizko kalteak eragiten dizkio onddo batek, Beauveria bassiana izenekoak; gero eta gehiago erabiltzen da intsektizida natural hori. Nori bere ordaina; esaerak hala dio: "Emaileari emok, egileari egiok".
news
argia-b4febe2407f0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/heriotza-duinaren-legea-euskadin-beste-keinu-hutsal-bat.html
Heriotza duinaren legea Euskadin: Beste keinu hutsal bat?
Unai Brea
2016-06-26 00:00:00
Heriotza duinaren legea Euskadin: Beste keinu hutsal bat? Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean aditu modura agerraldia egin zuen 2015ean Fernando Marínek, heriotza duinari buruzko lege proiektuaz bere iritzia emateko. Ondoko testuan, kritikatu egiten ditu Espainiako Estatuko erkidegoetan dauden mota horretako legeak; haren ustez, bakar batek ere ez du ekarpenik egiten hil nahi dutenen gaixoen borondatea errespetatze aldera, eta EAEn eztabaidatzen ari dena bide beretik doala deritzo. Egoera hobetzen hasteko hainbat neurri proposatzen ditu Marínek, legedi berrien beharrik gabekoak. Aldi berean, gogor mintzo da gaiarekiko osasungintzan zabalduta dagoen fundamentalismoaz. Gotzainak sina lezakeen egitasmoa bidali digu EH Bilduk 2014ko irailean EH Bilduk helarazi egin zigun "bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna bermatzeko legearen" proposamena, gure iritzia eskatuz. Eutanasiarekiko jarrerak harritu gintuen lehenik, edozein gotzainek sina baitzezakeen. "Kontsentsu etiko eta juridikorik eza" aitzakiatzat baliatuz, testua saiatzen zen "zer gertatzen da gaixoak hil nahi duenean" galderari ia ezer esan gabe erantzuten, baina hori ezinezkoa da. Eskubide zibilak sekula ez dira aho batez aitortu, gehiengo baten –kasu honetan, %80– konkista bat dira boterearen edo statu quo-aren aurrean, eta kontsentsua ez da posible. Bestalde, erreferentziazko zenbait eragile eutanasia despenalizatzearen alde azaldu dira. Nazioartean, Holanda eta Belgikako adibideek nabarmen erakutsi dute eutanasia arautu daitekeela behar besteko segurtasun bermearekin. Bigarrenik, eszeptizismoa agertu genuen heriotza duinari buruzko lege batek –estatuko beste lurralde batzuetan daudenen antzekoa–, berez, heriotzaren kalitatea hobetzeko eduki dezakeen ahalmenaz. Berriro porrot ez egiteko, legeak sortu baino lehenago zenbait neurri aurreikusi behar dira, heriotzarekiko (heriotza duinarekiko) beste kultura bat sustatuko dutenak, eta mediku eta gaixoen arteko harremanetan paradigma aldaketa erraztuko dutenak, paternalismotik elkarrenganako errespetura joaz, eta bizitzaren amaieran dauden herritarrak ahaldunduz. Zergatik ekarriko du beste lege batek 2002ko autonomia legeak baino berme handiagoa? Lege proiektuak dio Osasun Sailak betetze-mailari eta herritarren asebetetzeari buruzko ikerketa egingo duela, baina zeintzuk izango dira adierazleak? Esaterako: herritarrek noraino ezagutzen dituzten bizitzaren amaieran dagozkien eskubideak; zenbat bizi-testamentu dagoen lehen arretako kupo bakoitzean eta zahar-egoitza bakoitzean; herritarrek zenbat informazio jaso duten beren heriotza-prozesuaz; erosotasun maila; sintomen tratamendua; bizitzaren azken zazpi egunetan egindako proba kopurua (tematze diagnostikoa edo terapeutikoa); banakako logela; heriotzaren lekua (gaixoak berak aukeratu duen edo ez); heriotza-trantzea lasaia izan den edo ez; erabilitako sendagaiak (sedazio aringarria)… Horrek guztiak ez du zertan legean idatzita egon, baina aurreikusi egin behar da ekimena asmo onen adierazpen hutsa izan ez dadin. Eusko Legebiltzarra, betiko bideetatik? 2015eko urtarrilean 13.975 bizi-testamentu zeuden erregistratuta Euskadin, mila biztanleko 6,38, Kataluniaren atzetik (56.000, milako 7,47), baina estatuko batez bestekoaren gainetik (milako 3,86). Osasungintzako profesionalen zati handi batek ez du ezagutzen 41/2002 autonomia legea (ikerketa batek dioenez, erdiak baino ez daki bizi-testamentua legez araututa dagoela eta %25ek baino ez du irakurri). Datuek administrazioen porrota uzten dute agerian. Lege bat behar dugu hori aldatzeko? Ez, nahikoa litzateke benetan ohartzea heriotzaren kalitatea hobetzea garrantzitsua dela, eta bizi-testamentua oso tresna baliagarria dela horretarako. Euskadin txarto hiltzen dira herritarrak, eta horrexegatik Parlamentuak asmoa du lege bat egiteko, zer eta pertsonen duintasuna bermatzeko. DHEren ustez, duintasuna eta askatasuna ezin dira bereizi. Heriotza duina izateko, errespetatu egin behar dira norberaren askatasuna, nola zaindua izan nahi duen eta noiz hil nahi duen erabakitzeko autonomia. Duintasuna bermatu nahi izatea, aurrez nor bere bizitzaren jabe dela ziurtatu gabe, huts egitera bideratutako proiektua da. Borondatezko heriotza izateko eskubidea Gaur egungo legediarekin, borondatezko heriotza bi egoeratan da eskubidea: bizitza tratamendu baten menpekoa denean eta pertsona batek modu egokian arindu ezin daitekeen sufrimendua duenean (sufrimendu errefraktarioa). Lehenengo kasuak argi egon behar luke, baina ez dago. 2007an, Inmaculada Echevarríari, Granadako ospitale batean arnasa-makina bati lotuta hamarkada bat zeraman emakume bati, bost hilabete kostatu zitzaion hiltzeko borondatea aintzat har ziezaiotela. Haren eskaria izan zen [Espainiako Estatuko] heriotza duinari buruzko lehen legea, Andaluziakoa, sortzearen zergatietako bat. Lege hura saiatu egiten zen heriotzaren prozesuan gaixoen eskubideak, profesionalen betebeharrak eta sistemaren bermeak argitzen. Haatik, estatu osoan, heriotza duinari buruzko legea duten erkidegoetan nahiz –Euskadik bezala– ez dutenetan, herritarrek zailtasunak dituzte tratamenduari uko egiteko, bereziki elikatze eta hidratatze artifiziala errefusatzen denean eta hiltzeko borondatea argi eta garbi adierazten denean. Bigarren kasuari dagokionez, sufrimendua arintzeko eskubidea ez da esplizituki ageri estatuko legedian, baina tratu anker edo umiliagarririk ez jasotzeko giza eskubideak begien bistako bihurtzen du. Gaixoaren autonomiari buruzko 41/2002 legeak dio "gaixoak eskubidea duela, informazio egokia jaso ostean, eskura dituen aukera klinikoen arteko hautua askatasunez egiteko". Osasun sistema nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko legeak, berriz, ezartzen du herritar guztiek dutela eskubidea kalitatezko zaintza jasotzeko. Heriotza duinari buruzko lege autonomikoek honela garatzen dute eskubide hori: "Gaixotasun larri, atzeraezinezko eta hilgarri bat duten pertsona guztiek, hilurreneko egoeran edo hilzorian daudenean, euren sufrimendua arintzeko eskubidea dute, kalitatezko zaintza aringarri integralen bitartez, gaixoak aukeratutako lekuan eta, haren egoerak hartarako aukera ematen badu eta berak nahi badu, bere bizilekuan" "Gaixoek eskubidea dute mina prebenitu eta arinduko duen arreta egokia jasotzeko, sedazioa barne, sintomak berariazko tratamenduarekiko errefraktarioak badira" "Egoera larri eta atzeraezinezkoan dauden gaixoek, hilurrenean edo hilzorian daudenean, sedazio aringarria jasotzeko eskubidea dute sufrimendu errefraktarioa jasaten ari badira" (Aragoiko 10/2011 legearen 12., 13. eta 14. artikuluak) Mediku-fundamentalismoa Sufrimendua arintzea eta sedazio aringarria teoriazko eskubideak dira; praktikan, norberari egokitzen zaion medikuaren menpe daude. 2002ko autonomia legea argia izan arren, herritarrek oztopo handi bat dute euren borondatea errespetatua izan dadin: mediku-fundamentalismoa.   Gaur egun, bizitzaren amaierako erabakiei buruzko bi ikuskera ditugu: autonomia eta biziaren sakratutasuna. Tradizioz, erlijio monoteistetan nagusi den fundamentalismoak justizia eta medikuntza busti izan ditu: bekatu oro delitu zen. Alta, gizartea orain plurala da eta ikuspegi hori inposatzea onartezina da. XXI. mendean, herritarren autonomiak ("nire bizitza nirea da") talka egin du medikuntzaren tradizio paternalistarekin eta bizia sakratu izendatzen duen fundamentalismo horrekin. Hala ere, mediku elkargoak eta eliza Andaluziako heriotza duinari buruzko legearen aurka azaldu ziren, eta eutanasiatzat jo zuten Inmaculadaren heriotza, hala izan ez bazen ere. Zaintza aringarriak bai, baina ez honelakoak Herritar guztiek eskura izan behar dituzte kalitatezko zaintza aringarriak, norberaren borondatea errespetatuko dutenak. Zaintza aringarriek ez dutela bizitza ez luzatzen ez laburtzen dioen dogma ez da errespetuarekin bateragarria. Sedazioaren erabilera murriztua, sintoma errefraktarioetan eta heriotzaren berehalakotasunean oinarritua –gaixoaren nahia eta haren sufrimenduzko bizipenaren ordez–, beste fundamentalismo mota bat da; amaierako prozesua noiz arte jasateko prest dauden erabaki nahi duten herritarrek arbuiatu egiten dute. Zaintza aringarriak bitartekoa dira, ez helburua. Ez da existitzen haiek jasotzeko eskubiderik, baizik eta sufrimendua arintzekoa eta norberaren balore eta sinesmenak –momentuan bertan edo aldez aurretik, bizi-testamentuaren bidez, adierazitakoak– errespetatuak izatekoa. Zaintza aringarriak ez dira espezialitate bat, ez dute berezko ezagutza multzorik, baizik eta filosofia bat, pertsona bakoitzaren biografiara begirunezko hurbiltze bat. Tamalez, mediku-tematze kasuak ikusten ditugu, non baliabide asistentzial horrek pertsonen sufrimendua medikalizatu eta ukatu egiten baitituen. Zaintza aringarriekin sufritzen ez dela baieztatzea ankerkeria morala da, faltsua delako eta bizitzaren amaieran sufritzen duten pertsonekiko errespetu eta aitortza falta dakarrelako. Zaintza aringarriak nahitaezkoak dira, baina ez honelakoak. Zigor Kodearen ondorio makurrak: eutanasiatik harago Zigor Kodeak ondorio makur bat du: aitzakia da legediak babesten duen hiltzeko borondatea ez errespetatzeko. "Eskatu didazun hori legez kanpokoa da", "zer nahi duzu, zure aita gosez eta egarriz hil?". Profesionalek beren sinesmenei (bizi biologikoaren alde) lehentasuna eman diezaiekete helburu profesionalen aurretik (sufrimendua arintzea giza bizitza bakoitzaren baloreak errespetatuz), erabat babesgabe dauden gaixoekin. Ezin dugu bizitza osoa eman sedazio bat egiterakoan profesional batek izan duen asmoaz eztabaidan, edo gaixo baten sufrimendua jasanezina den edo ez neurtzeko moduez hitz egiten, benetan garrantzia duena gaixoaren borondatea baita. Support txostenak duela hogei urte esan zuen bezala, profesionalen konpromiso pertsonala falta da, baina zigortua izateko beldurra ere egon badago; zigor hori lankideengandik etor liteke, edota hiltzen laguntzen duten medikuentzat Damoklesen ezpataren parekoa den legeditik. Heriotza duinaren behatokia Behatokiak bi lan esparru lituzke. Lehenbizikoa litzateke Euskadin herritarrak nola hiltzen diren eta heriotzaren kalitatea hobetzeko zer neurri hartu behar diren baloratzea. Ez da nahikoa zaintza aringarriko baliabideak gehitzea, herritarren nahiak betetzen ote dituzten ere egiaztatu behar da. Behatokiak zuzenean sailburuaren menpekoa behar luke eta gai izan behar luke heriotza duinarekin konpromisoa duen asistentzia-taldea aktibatzeko; beren gustuko beste baliabiderik aurkitzen ez duten herritarrei arreta eman beharko lieke, haiek konformatu behar ez izateko egokitu zaizkien medikuarekin eta lantaldearekin, edo DHErengana jo behar ez izateko. Herritarrek jo dezaketen atea izan behar luke, Osakidetzari eskatu ahal izateko eskubidez dagokien irtenbidea. Heriotzaren kalitatea ez da hobetuko borondatezko heriotza arautzen ez den bitartean. Halako lege batek ahalbidetuko du hiltzen direnen %3-4k eutanasiarako eskubidea gauzatzea, eta herritar guztiei emango die nahi dituzten zaintzak exijitzeko eta nola eta noiz hil nahi duten erabakitzeko aukera. Neurriak hartzeko ez dugu heriotza duinari buruzko lege baten beharrik, baina azkenik egin egingo badute, onar dezatela zintzotasunez zein den benetako egoera, eta eutanasia eta lagundutako suizidioa despenalizatzen diren egunerako prest egongo den legea izan dadila. Euskadiko edozein herritarrek jaso dezake etxean internet bidez erositako pentobarbital dosi hilgarri bat. Eztabaida ez da eutanasia eta lagundutako suizidioa ba ote dauden, baizik eta entzungorrarena egiten jarraituko ote dugun, aitzakiatzat erabiliz zaintza aringarriak edo ezinezko kontsentsua. Autonomia errespetatzeaz hitz egitea eta aldi berean nork bere bizitza kudeatzeko aukera ukatzea ez da koherentea.
news
argia-25fc87c9f052
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/kristobal-kolonen-aurkikuntza-klimatikoa.html
Kristobal Kolonen aurkikuntza klimatikoa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-06-26 00:00:00
Kristobal Kolonen aurkikuntza klimatikoa Amerikara egindako bigarren bidaian, 1494ko uztailean, Kristobal Kolonen ontziak Kuba eta Jamaikaren artean nabigatzen ari ziren, montzoiaren zaparradei nola edo hala eutsiz. Euri erauntsiek ontzien sotoak urez betetzen zituzten eta bero itogarriak ere ez zuen laguntzen janaria kontserbatzen. Espedizioa arriskuan zegoen. Egoera kritiko horretan, hauxe idatzi zuen Kolonek: "Hemengo zerua, airearen egoera eta eguraldia ingurukoak bezalakoak dira; egunero hodei bat agertzen da, ordubete inguruko euri-jasa ekartzen duena, batzuetan gehiago eta bestetan gutxiago, eta herrialde honetako zuhaitz handiengatik gertatzen da hori". Koloni esperientziak esan omen zion baso-estaldura eta prezipitazioak lotuta zeudela: berdin gertatu zen "Kanariar uharteetan, Madeiran eta Azoreetan, baina hango zuhaitzak bota zituztenetik ez dago hainbeste hodeirik eratzen eta eta ez du hainbeste euri botatzen". Beraz, deforestazioaren eta klima aldaketaren arteko loturaz jabetu zen.
news
argia-894f60e5f5d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/youtuber.html
Youtuber
June Fern�ndez
2016-06-26 00:00:00
Youtuber Nire nebak 13 urte ditu. Feminismoari buruz berarekin hitz egitea erronka izaten da beti.     – "Feminismoaren inguruko galdera bat egin ahal dizut?".     – "Bota", erantzun diot, galdera zaila izango den intuizioaz.     – "Nortzuk dira feminaziak?".     Ai ama. Jakin banekien. Nerabeek "feminazi" iraina ahoan daukate.     – Matxistek "feminazi" hitza hedatu dute, gu feministok erasotzeko. Zuk badakizu nazismoak juduen, homosexualen, ijitoen, komunisten eta abarren hilketak burutu zituela, ezta? Bidezkoa iruditzen al zaizu indarkeriaren kontra egiten dugunok naziekin alderatzeko moda hori?     – Ez! Baina joan den astean youtuber baten aurkezpen batean feminista batzuk agertu ziren, matxista zela oihukatuz. Victoriari –bere lagun minetako bat– asko gustatzen zaio youtuber hori eta neska horiek feminaziak direla esan du.     – Beno, nahi baduzu youtuber horren bideoak elkarrekin ikus ditzakegu eta nire iritzia emango dizut. Dallas Review deitzen da eta ia bi milioi harpidedun ditu bere Youtube kanalean. Pikaran artikulu bat argitaratu genuen, bere diskurtso misogino eta antifeminista agerian utziz. Youtuber ospetsuenak mutilak dira eta zuzentasun politikoaren kontra egiten duten aitzakiaz, aurreiritzi matxista eta arrazistak hedatzen dituzte, besteak beste.  Kezkatuta geratu naiz. Tentuz ibili beharko genuke feministok. Youtuber ospetsuenek milioika –bai, hala da, milioika!– jarraitzaile dituzte, gehienak nerabeak. Victoriak seguru asko feministekin izan duen lehen kontaktua bere youtuber minenaren kontra egin dutelako izan da. Ondorioz, feministak gorroto ditu Kezkatuta geratu naiz. Tentuz ibili beharko genuke feministok. Youtuber ospetsuenek milioika –bai, hala da, milioika!– jarraitzaile dituzte, gehienak nerabeak. Victoriak seguru asko feministekin izan duen lehen kontaktua bere youtuber minenaren kontra egin dutelako izan da. Ondorioz, feministak gorroto ditu. Sare sozialak eta sexismoaren inguruko tailer batean, 20 urteko neska batek esan zidan gogaituta zegoela, bere herrian gustuko duen youtuber bat –uste dut Wismichu zela– gonbidatu omen zuen udalak eta feministen presioa dela eta, azkenean ekitaldi hori bertan behera utzi zutela. Boikot eta escrache feministak egiteko grina ulertzen dut, baina youtuber horien ospea kontuan edukita, ez al da kalterako izango? Zenbat neska ari dira feministekin haserretzen, miresten dituzten komunikatzaileen kontra –gustuko ala ez, komunikatzaileak baitira– egiten dugulako? Baina bestetik, argi dago, zer edo zer egin behar dugu emakumeak putak direla edota indarkeria matxistaren salaketak faltsuak direla esaten duten youtuber horiekin. Nire nebak AuronPlay miresten du –hiru milioi eta erdi harpidedun– dibertigarria omen delako, baina bere umorea, doinu ozpinen bitartez, besteei iseka egitea da. Orduan, zein da irtenbidea? Debekuak eta boikotak baino, nik beti nahiago dut kultura produktu arrakastatsuen kontsumo kritikoa sustatzea eta alternatibak ikustaraztea. Berdintasunaren aldeko gazte ekimenetan, ondo legoke youtuberen diskurtsoen eta jarreren inguruko hausnarketak gidatzea. Baina errespetuz betiere, youtuberek gazteekin konektatzen dutenez jarrera defentsiboa hartuko baitute tontolapiko hutsak direla esaten badugu. Bestetik, youtuber feminista eta LGTB ugari daude: Queer Avengers edota RayNTG , esaterako. Psicowoman , 31 urteko psikologo bat, youtuber bilakatu da nerabeei sexualitatearen inguruko mezuak helarazteko helburuz. Baina aitortu beharra daukagu youtuber feminista horien eragina ez dela inoiz ere hain handia izango –milaka harpidedun dituzte, ez milioika– arrakasta eredu hegemonikoekin apurtzen dutelako hain zuzen ere. Orduan, zer egin?
news
argia-e6973b226349
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/heriotza-duinari-buruzko-legedia.html
Libreak gara geure amaiera kudeatzeko?
Unai Brea
2016-06-26 00:00:00
Libreak gara geure amaiera kudeatzeko? Oso litekeena da LARRUN hau argitaratu eta egun gutxira, ekainaren 30ean, Eusko Legebiltzarrak heriotza duinari buruzko lege berria onartzea, EAEn egongo den mota horretako lehena eta Hego Euskal Herriko bigarrena; Nafarroak 2011n onartu zuen berea, geroztik gutxi garatu bada ere. Arau biek, hala nola Espainiako Estatuan indarrean dagoen gaixoaren autonomiaren legeak eta Frantziakoak berriki onartu duen bizitzaren amaierari buruzkoak, hilurrenean dauden pertsonen duintasuna bermatzeko xedea dute, euren borondatea beste ezeren gainetik jarriz. Praktikan, ordea, legeok ez dute funtzionatzen, heriotza duinaren alde diharduten elkarteen esanetan. Haien iritziz, hiltzear daudenen eskubideak ez dira behar bezala errespetatuko eutanasia eta suizidio lagundua zigortuta dauden eta libreki hil nahi duen edonoren nahiak aurrean "mediku-fundamentalismoaren" oztopoa duen bitartean. Joateko eskubidea ukatzen zaie batzuei; bestetzuei, aldiz, aitortu gabeko eutanasia ezartzen zaie, akaso eurak guztiz ohartu barik. Bizitzaren amaierako bide arantzatsua jorratzera goaz datozen orrialdeetan, hainbat adituren laguntzaz. Eutanasia eta lagundutako suizidioa debekatuta daude Euskal Herriko legedietan. Alta, sedazioa onartuta dago. Heriotza eragiteko bidezidorra, batzuen ustez… Jacinto Batiz: Ez dago zertan asmo horrekin erabili. Sedazioa tratamendu medikua da, gaixoak beste tratamendu batzuekin konpondu ezin izan den sufrimendua duenean, haren konortea gutxitzeko erabiltzen dena. Sedazioa neutroa da, eta guk bihurtzen dugu etikoki on edo txar, asmoaren arabera. Gaixoaren kontzientzia gutxitzeko erabil dezakegu, asko sufritzen ari delako, edo txarto erabiliz gero, gehiegizko dosiekin, heriotza eragin dezakegu, eta orduan sedazio eutanasikoa litzateke. Iñaki Olaizola: Bi pentsamolde daude, eta horietako bat saiatu egiten da sedazioa, lagundutako suizidioa eta eutanasia bereizten, kategoria desberdinak bailiran, baina nire ustez aldea txikia da. Oso artifiziala iruditzen zait sedazioa eta eutanasia bereiztea, lehenbizikoa praktika mediku egokitzat joz eta bigarrena gaitzetsiz. Izatez, pixka bat sinplifikatuz esan liteke bien arteko desberdintasuna diskurtsoa dela. Sedazioarekin, esaten da: "Ez da hiltzen laguntzeko, mina arintzeko baizik, nahiz eta ematearen ondorioz gaixoa hil egingo den". Eutanasiarekin diskurtsoa aldatzen da: "Hiltzen lagunduko diogu hala eskatu digun pertsona honi". Sedazioa oso dosi txikiekin egiten da, eta agonia ordu asko luza daiteke, 12, 24, bizpahiru egun… Botika berak, dosi handiagoetan, heriotza eragin dezake minutu gutxian. Dosiaren, gertakariaren abiaduraren eta diskurtsoaren arabera kategoriak ezartzea ez da zuzena nire ustez. Asmoa beti bera baita: hiltzen laguntzea. J. Batiz: Ez nago Iñakirekin ados. Sedazioaren helburua kordea apaltzea da, horretarako behar den gutxieneko dosiak emanez, gaixoak ez dezan sufritu ez fisikoki ez psikikoki. Eta eutanasiaren bidez gaixoaren heriotza bilatzen dugu, uste dut desberdinak direla. Heriotza eragin dezakegu gehiegizko dosiak erabiliz gero, eta kontrara, dosi txikiegiak emanda ere gaizki ariko ginateke, agonia behar baino gehiago luzatuko baikenuke. Denboraren araberako diferentzia hori ez da sedazioaren intentsitatearen menpekoa soilik; askotan, gaixoaren nahia da lozorroan egotea baina sedazio sakonik gabe, familiarekin nolabaiteko kontaktuari eutsi nahi dio eta. Mabel Marijuan: Sedazio aringarria mediku-indikazioa da. Sendagileak tratamendua agintzen du, eta gaixoak dio: mina dut. Ongi, analgesia gehiago orduan. Edo "ezin dut arnasarik hartu". Oxigeno gehiago… Gaixoak esaten dizu zer duen, eta zuk neurriak hartzen dituzu. Baina badaude sintoma errefraktarioak, alegia, ohiko tratamenduarekin kentzen ez direnak. Une batera iritsita, medikuak berak esaten dio gaixoari sintoma hori ezabatzeko modu bakarra konortea gutxitzea dela. Eta gaixoak onar dezake edo ez, gaixoak beti baitu tratamendua errefusatzeko eskubidea. Zein da eutanasiarekiko aldea, niretzat funtsezkoa? Eutanasia gaixoak baino ezin dezakeela planteatu. Gaixoa da medikuari esan diezaiokeen bakarra: lagundu hiltzen. Eta medikuak, hemen, esango dio: ezin dut hori egin, legez kanpokoa da. J. Batiz : Guztiz ados. Ondo egin duzu bereizketa, eskatzailearen arabera. Hori bai, sintoma guztiak behar adinako intentsitatez artatzen baditugu, eta mina kentzeko gaixoa morfinaz lepo jartzea beste biderik ez badugu, eta horregatik heriotza eragiten badiogu, hori ez da zeharkako eutanasia, lehen esaten zen bezala, efektu bikoitza baizik. Gure eginkizuna mina kentzea da, aldez edo moldez. Eta horregatik lehenago hiltzen bada ez da ezer gertatzen. Ez dugu horregatik pentsatuko inolako eutanasiarik egin dugunik. Iñaki Olaizola: "Oso artifiziala iruditzen zait sedazioa eta eutanasia bereiztea, lehenbizikoa praktika mediku egokitzat joz eta bigarrena gaitzetsiz. Pixka bat sinplifikatuz esan liteke bien arteko desberdintasuna diskurtsoa dela" Hala ere, batzuetan, sintoma errefraktariotzat duguna sintoma zaila besterik ez da, zeina konpontzeko gauza izan ez garen; horregatik, sedazioa erabiltzeko erabakia hartu baino lehen aldameneko medikuari laguntza eskatu behar zaio. Baina horrela ere ezin badugu sintoma arindu, sedaziora jo behar dugu, ondorioa edozein dela ere. Eta hala egiteagatik lehenago amaitzen bada, lehenago amaitu da. Bestetik, uste dut osasungintzako profesionalok ikasi dugula gaixo batek eutanasia eskatzen digunean erantzun automatikorik ez ematen: "Aurka nago eta ez dut egingo", "ni alde nago eta egin egingo dut"… Lehenik eta behin gaixo horrekin lan egin behar dugu, oso litekeena delako eskari horren atzean egoera jakin bat existitzea, azalduz gero beste era batean konpontzen lagundu diezaiokeguna. Behar bezala hiltzen gara? I. Olaizola: Gai hauei buruz egin izan dudan landa-lanaren ondorioz, irudipena dut heriotzaren kalitatea, Euskal Herrian, txarra dela. Gure gizartean ondo bizi gara baina, zoritxarrez, gaizki hiltzen gara. Eta nire ustez, heriotzaren kalitatea hobetzeko urrats bat jendeari galdetzea litzateke, gaia profesionalen esku bakarrik utzi beharrean. Jende askori galdetu diot zein izan den hurbilean egokitu zaien azken heriotzaren ezaugarririk nabarmenena, eta ia kasu guztietan esan didate hildakoaren azken egunak alferrikakoak izan zirela. Bi egun, bost, hamar, kasuren batean hilabete bat… Eta kasu horietako askotan, gatazka sortu da trantze horretan dagoen pertsonaren borondatearekiko errespetuaren –nire ustez, hori da eztabaida honetan dagoen alderik sakratuena– eta medikuei eman zaien boterearen artean. Uste dut gure ospitaleetan, oro har, ez direla aintzat hartzen gaixoaren borondatea eta autonomia; adinez beherakoak bezala tratatzeko joera dago. Eta medikuaren iritzi profesionala jartzen da pertsonen benetako nahiaren aurretik. Jende askok –eta hori fenomeno berri samarra da– ez du besteentzako zama izan nahi, eta pertsona bat sedaziopean daukagun denbora hori –20 ordu, 30 ordu, hiru egun…– familiarentzat alferrikako oinazea da. Egoera horretan dagoenari obeditu behar zaio, eta ez dago arrazoirik inongo profesiotatik esan dadin "ez, oraindik ez da unea iritsi". Gaixoaren borondatea errespetatzen ikasi behar genuke denok. Badakit ere egoera terminalean dauden pertsonen eta medikuntzako profesionalen arteko gatazka batzuetan, eutanasia delitua izatea dela arazoa. Badakit hesi legal bat dugula, eta horregatik gainditu nahi nuke. Zentzu horretan, EAEn garatzen ari den heriotza duinari buruzko lege proiektuak ez du ezer konponduko nire iritziz. Ez dakar berrikuntzarik [Espainiako] gaixoen autonomiari buruzko 41/2002 legearekiko. Lege proiektu horrekiko Iñakik jarrera kritikoa duela argi geratu da, eta badakit Mabelek ere antzera uste duela. Zuk zer iritzi duzu, Jacinto? J. Batiz: Antzekoa. Ezin da beste jarrerarik izan horrelako lege proiektu batekiko, konturatu baikara egiten ari direnek gutxi dakitela lagundu nahi dituzten pertsona horien egoeraz. Iñakirekin bat nator: dagoeneko autonomia legeak dioenarekiko berritasunik ez dakar. Baina ez nago ados beste gauza batean: ez dut uste medikuok hainbeste ahaldundu garenik, ezta gaixoen autonomia arbuiatzen dugunik ere. Etika eta jarduera medikua uztartzeko lanean gabiltzanok indar biziz saiatzen gara zabaltzen autonomia zeharo errespetatu behar dela, ezin gara paternalistak izan, lehen ginen bezala. Gaixoak erabaki behar du, ondo informatu eta gero, karta guztiak mahai gainean daudela. Hala ere, zerbait esan behar dut: sedazioa eskubidea da, baina medikuak egokitzat duenean. Sedazioa indikazio medikua baita. Eta zuk, Iñaki, familiaren sufrimendua aipatu duzu. Baina familiaren sufrimendua ezin da izan arrazoi bat ni behartzeko gaixoaren aurkakoa izan daitekeen zerbait egitera. Zeren, senide batzuek gauza bat uste dute eta besteek beste gauza bat. Zergatik egin behar diegu kasu haiei? Gaixoari, beti. Bai, badakit esango duzula: "Familiak sufritu egingo du, haatik". Ados, baina uneon horixe da medikuok egin dezakeguna. Eta beste gauza batzuk, gaur-gaurkoz, ez. Eutanasia eta lagundutako suizidioa despenalizatuta daudenean beste lanabes batzuk izango ditugu; erabili nahi ditugunok erabili egingo ditugu, eta nahi ez dugunok ez ditugu erabiliko, kontzientzia eragozpena adierazteko eskubidea ere izango dugu. Nik publikoki esanda daukat garrantzitsuena bizitzaren amaieran daudenentzat arreta medikua unibertsalizatzea dela. Eta herritarrek, aukera izanda, ez badute hori nahi, orduan zalantzarik gabe politikariek, edo gizarteak, eutanasiaren aukera aztertu beharko dute. M. Marijuan: Pernandoren egia esango dut: gizarte zaharkitu batean bizi gara, eta gure hilkortasunaz gero eta gehiago jabetuta gaude. Horren aurrean, "nola izan behar du?" galdetzen diogu geure buruari. Baina ez da ahaztu behar medikuen paternalismoa esan zaion horrek garrantzi handia izan duen tradiziotik gatozela. Sendagilearen eta gaixoaren arteko komunikazioa, bioetika, zaintza aringarriez hitz egitea… hori guztia Bolonia Planarekin iritsi da medikuntza ikasketetara, oraindik orain atera da labetik lehen belaunaldia. Hori baino lehenago inork ez digu medikuoi irakatsi nola garatu gaixoarekiko harremana; mediku izate hutsak ez dizu irakasten gaixoa behar bezala tratatzen, ez eta zure larritasuna kudeatzen ere. Horretaz ez baita hitz egiten normalean: heriotzarekiko larritasunak dena eramaten du aurretik, denok hilkorrak garela gogorarazten baitigu. Hortaz, medikuen, erizainen, familiaren, gaixoaren beraren… jokabidea gizarteak duen heldutasunaren araberakoa izango da, besteak beste. Eta gure gizartea, gizarte mendebaldarra, oso heldugabea da. Jacinto Batiz: "Garrantzitsuena bizitzaren amaieran daudenentzat arreta medikua unibertsalizatzea da. Eta herritarrek, aukera izanda, ez badute hori nahi, orduan zalantzarik gabe politikariek, edo gizarteak, eutanasiaren aukera aztertu beharko dute" Gai hauetaz interesa agertzen hasi nintzenean, ondorioztatu nuen hemen errukizko hilketak egiten ari ginela. Gaixoa ez da jabetzen paretik kentzen ari garela. Horixe zioen Remmelink txostenak [Holandan eutanasia legeztatu aurretik egoera aztertzeko egindako ikerketa]: eutanasiak egiten ari gara. Une batean norbaitek, familiak, agian gaixoak berak, esaten du: mesedez lagundu. Eta mediku batek erantzuten du: ongi da. Horrek nahasmena eragiten du. Esaiozu "sedazio" nahi baduzu, baina hori eutanasia da! Beraz, zer esan zuten holandarrek?: "Kontu hau pribatua da, ados, baina publikoki arautu beharra dago". Zergatik arautu behar da? Nik erantzungo nizuke: inor ez joateko nahi ez duenean. Horixe gertatzen baita orain gurean. Larrituta dagoen familia bat larrituta dagoen mediku batekin elkartzen da, eta elkarrekin erabakitzen dute dosia handitzea. "Nahi ez duenean" diodanean, "nahi duen ala ez jakin baino lehenago" esan nahi dut. Nik nire medikuarekin adostu banezake, garaiz… Demagun dementzia diagnostikatu berri didatela eta esaten diodala: "Oso txarto nagoenean utzidazu pneumonia batez hiltzen, ez nazazu artatu, besterik gabe…". Tratamenduari uko, gaixoaren autonomia, arazorik ez. Baina pentsa egoera horretara iristen garela aurrez hitz egin gabe, eta medikuaren aldamenean batzuk "senda egiozu pneumonia" esanez, besteak "ez artatu", bera ere bere hilkortasunaren aurrean… Uneren batean esango du: "Kito!". Eta zirrikitutik begira legokeen holandar batek esan lezake: "Nolakoak zareten! Eutanasiari ezetz diozue eta pertsona bat garbitu duzue oraintxe". Horri errukizko hilketa esaten zaio, eta hobe da arautzea, batzuetan errukiagatik izan daitekeelako, baina beste batzuetan auskalo zergatik. Beraz, legeari dagokionez –horretaz ari ginen eta–, nik Legebiltzarrean gaiaz hitz egiteko agerraldia egin nuenean esan nien legea, egin behar baldin bada, oso argia izan behar dela. Bizitzaren amaieran eman daitezkeen egoerak oso garbi azaldu behar dituela. Hori hala bada, eutanasia eta lagundutako suizidioa onartzea ez da arazoa izango. I. Olaizola: Horren harira, nik esango nuke Euskadin heriotzaren kalitatea ausazkoa dela. Non hiltzen zaren, zer mediku egokitzen zaizun… Are gehiago, zer gaitz duzun ere. M. Marijuan: Beste faktore bat gehituko nuke: gaixoak eta bere familiak zenbateko heldutasunez jorratuta duten gaia. I. Olaizola: Heriotzaren kalitatea ez da demokratikoki banatzen, gizartearen eta pertsonaren testuinguruak eragina du. Horregatik da garrantzitsua bizi-testamentua egitea. Bizi-testamentua sustatu egin behar da, eta hemen ez da behar bezala egiten. J. Batiz : Bat nator [Espainiako Estatuan] dauden lege autonomiko bakar batek ere ez duela inoiz arazoa konponduko, eta egokitu izan zait pare bat errebisatzea. Batetik, Mabelek esan duen zerbaitengatik: profesionalak behar bezala hezi behar dira, eta lege batek ere ez du bermatzen hezkuntza hori. Aurrekoan kirurgia-buru bati eskatu nion, mesedez, esan ziezaiela bere lankide gazteenei alferrikako ebakuntzak egiteari utzi behar ziotela, gauza batzuek ez dute zentzurik gaixotasun terminal bat diagnostikatuta dagoenean. Baina ebakuntzak egiten dira hala ere. "Jarrai dezagun amaierara arte", "ea zer daukan"… Jarrera hori oso gizatiarra da, eta haren kontra borrokatu behar dugu, baina legeetan ez da horretaz hitz egiten oraingoz. Eztabaidaren muinean sufrimenduaren definizioa dago. Nori dagokio egitea? Eta nola neurtu? J. Batiz: Hori gaixoak baino ezin du egin. Sufrimendua oso subjektiboa da. M. Marijuan: Medikuntzan esaten da: "Gaixoak esaten badu mina duela, orduan badu". I. Olaizola: Sufrimenduaz galdetu duzunez gero… Kontzeptu berri bat agertzen ari da: bizitzaren zentzua. Hiltzeko prozesuaren eredu tradizionalean ez zegoen ezbaian bizitza batek zentzua zuen ala ez: denek zuten, emandakoak ziren heinean, jainkoak edo. Nolabait, gure bizitza erabil genezakeen baina ez ginen haren benetako jabeak. Orain, berriz, pertsona askok, duten bizi-kalitatearen arabera, beren buruari galdetzen diote bizitzaren zentzuaz, eta erabakitzen dute kalitate jakin batetik behera zentzu hori galdu egiten dela, eta alde egin nahi dutela. Norbaitek hiltzen lagundu diezaien nahi dute. Egia da ere gero, momentua iritsitakoan, gutxiagorekin konformatzen garela askotan. Edozein kasutan, ondo jabetu behar gara duintasunaren ideia ez dela berdina pertsona guztientzat. Eta batzuek ez dute hondatze fisikoa edo intelektuala jasan nahi. Ez dago eredu bakarra, beraz trantze horretan dagoenari entzun egin behar zaio, uste dut hirurok bat egin dugula horretan. J. Batiz: Iñakik esandakoaren haritik, Nietzschek esan zuen niri asko lagundu didan zerbait: bizitzeko "zergatik" bat duenak ia edozein "nola" jasaten du. Zergati bat eman behar diegu pertsonei, beren bizitzen zentzua bilatu. Etengabe gogoan dugu hilzorian dagoen gaixoa, baina izan dira hiltzeko laguntza eske urteak eman dituztenak. Borondatezko heriotza dago eztabaidaren muinean. I. Olaizaola: Nik neuk behintzat ez dut arrazoi sinesgarririk aurkitzen hiltzeko eskubidea inori ukatzeko, baina badakit zer argudio erabiltzen den horretarako. Horietako bat malda labainkorra da: behin pertsona bati hiltzeko eskubidea onartuta, gero eta kasu zalantzazkoagoak onartu beharko liratekeela. M. Marijuan: Muga non ipini behar dugun, alegia. I. Olaizola: Zaila da eremu hori arautzea, baina malda labainkorrak ezin digu eragotzi arautzen saiatzea behintzat, denoi dagokigun gaia da eta. Tartean gaixotasunik ez dagoenean ere hiltzeko eskubidea daukagu denok. Ordenamendu juridiko batek ezin du inor behartu nahi ez duen bizitza bizitzera. Pertsona batzuek ezin diote zentzurik aurkitu beren bizitzei. Uste dut eskubide osoa dutela hiltzeko laguntza jasotzeko gizartetik. Zeren izenean debeka diezaiokegu inori nahi duenean hiltzea? J. Batiz: Baina eskubide hori badago aitortuta, norberaren burua hiltzea zigortuta ez dagoen heinean. Besterik da hala gertatzeko beste pertsona batzuk tartean sartu nahi izatea, hortxe dago koska. Kasu bat komentatuko dizuet: gure gaixoetako bat Euskaditik kanpo joan zen sedazio bat egin ziezaioten, gure lantaldeak ez ziolako eman nahi izan. Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) diagnostikatu zioten gizon bat zen. Ez zegoen hilurrenean, baina bere etorkizuneko bizitzaz hausnartu eta gero sedazioa eskatu zigun hurkoei agur esan eta 24 orduan dena bukatzeko. Guk esan genion bere egoera arintzen lagunduko geniola baina inola ere ez genuela eskari hori aintzat hartuko. I. Olaizola: Orduan, ez al zuen horretarako eskubiderik? J. Batiz : Ez gara eskubideez ari, mediku-indikazioez baizik. Sedazioa indikazio bat da eta kasu hartan ez zen egokia. Gaixoa beste asmo batez ari zitzaigun eskatzen: 24 orduan amaitu. Hori ez da sedazioa. M. Marijuan: Hori eutanasia eskari garbi-garbia izan zen. Mabel Marijuan: "Heriotzarekiko larritasunak dena eramaten du aurretik, denok hilkorrak garela gogorarazten baitigu. Medikuen, familiaren, gaixoaren jokabidea gizarteak duen heldutasunaren araberakoa izango da. Eta gure gizartea, gizarte mendebaldarra, oso heldugabea da" J. Batiz: Horregatik ezin genuen egin. Hitz egin dezagun, bada, eutanasia legeztatzeaz. Holandan hala egin zuten eta, bitxia bada ere, eutanasia kopurua gutxitu eta sedazioena handitu zen. Zergatik? Medikuei, eutanasia bat egiteko baldintza guztiak betetzeak askoz arazo gehiago dakarzkielako sedazio bat agintzeak baino. Inork ez du epaitu behar sedazio bat. Eta eutanasia baimenduta egonik, lasai asko eman daiteke indikazioa. Espainian, aldiz, sedazio eutanasiko asko egiten da inor konturatu gabe. Eutanasia despenalizatzen denean ez da eutanasia gehiago egingo, dagoeneko sedazioaren bitartez egiten dira eta. Nik behintzat uste dut sedazioa txarto erabiltzen dela egoera batzuetan. I. Olaizola: Bada, AEA diagnostikatu dioten norbaitek ezin badu sedazioa eskatu, norberaren borondatea adieraztea ez da nahikoa. Horri buruzko epai etikoa eskatzen dizuet. Noraino iritsi behar da sufirimendua? J. Batiz: Ikuspuntu mediku baten arabera ari gara hitz egiten; ikuspuntu teorikoa. Jarduera kliniko guztiek protokoloak dituzte. AEA gaitzerako arretaren gida-liburuan ez duzu aurkituko sedazioa egokitzat jotzen denik egoera terminaletik at. I. Olaizola: Orduan, urteak eta urteak mugitu ezinik daramatzan gaixo batek, luzaroan eta sarritan hiltzeko nahia argi adierazi duenak, eta osasun mentaleko arazorik ez duenak, ez luke izan behar sedazio kliniko terminala jasotzeko eskubiderik? J. Batiz: Nire ustez ez. M. Marijuan: Zoritxarrez, esango dudana esatean badirudi gainerako guztia ez dela entzuten, baina esan egingo dut halere: eutanasia eta lagundutako suizidioa despenalizatu beharko liratekeela uste dut, noski. Pertsona bakoitzak bere bizitza-proiektua duela onartzen badugu, heriotzaren kudeaketa proiektu horren barruan egon behar da. Eta ez dadila izan behin, gaztaroan, adierazten den nahi bat, unea hurbiltzen ari denean baizik. Izan ere, egia da jendeak uste baino askoz gehiago jasaten duela, baina kontrakoa ere gertatzen da batzuetan: gaixoak uste baino askoz gutxiago jasaten duela, eta gainera inork ez diola jaramonik egiten. Nik uler dezaket norbaitek bere bizitza agortua dela erabakitzea, duintasunik gabekotzat jotzen duelako e.a. Baina mesedez, ez dadila izan senda daitekeen mina daukalako, edo bakarrik dagoelako, edo… Gizarteak berma diezaiola hori. Nik ez nuke eutanasia onartuko zaintza aringarririk ez balego. Baina hori guztia izanda herritar batzuek amaitzea erabakiz gero, ez ditzagun behartu beren buruak zubitik behera jauzi egiten beste praktika batzuk debekatuta daudelako. Sar ditzagun eutanasia eta lagundutako suizidioa aukeren multzoan. J. Batiz: Gizarteak, lehenik, herritar guztiei segurtatu behar die ondo hezitako profesionalek artatuko dituztela bizitzaren amaieran, eta hala eta guzti batzuek zaintza mota hori errefusatu eta hiltzeko beste modu bat hautatuko balute, eutanasia esaterako, orduan bai planteatu beharko litzateke despenalizatzea.
news
argia-7338b8865e04
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/liburua.html
Aniztasunaren alde
Xabier Etxaniz Erle
2016-06-26 00:00:00
Aniztasunaren alde Duela hiru urte argitaratu zen lehen aldiz liburu hau, eta berehala irabazi zituen hainbat sari 2013 urte horretan: egile berriei ematen zaien Aurelio Blanco saria, Apirila saria, Shangaiko Children's Book Faireko saria haurrentzako album onenari… Orain, liburuak zenbait hizkuntzatan ibilbide arrakastatsua izan ondoren euskaraz gozatzeko aukera dugu Ipar Alkainen itzulpenari esker. "Jaio aurretik, dagoeneko besteak ez bezalakoa zen" esaldiarekin ekiten dio egileak narrazioari; eta hitzekin batera, albumetan hain garrantzitsua den irudien arloan, zazpi arrautza aurkitzen ditugu, sei zuri-txiki eta bestea handia-arrosa. Garbi dago ez zela besteak bezalakoa. Eta lehen irudi horrek Ahate itsusia ekarri digu gogora; Andersenen ipuin ezagunean bere anai-arreben aldean protagonista ere "ezberdina" zelako, arrautza batetik sortua… baina liburu honetan berehala ikusiko dugu protagonista ez dela hegaztia, ez dela ezberdina; oso ezberdina baizik. Sei hegazti kumeren ondoan ageri dena munstro bat delako, munstro arrosa bat. Abiapuntu horretatik, egileak Munstro Arrosaren ezberdintasunak eta zailtasunak deskribatzen dizkigu, hitz gutxi erabiliz eta irudiei mezu aldetik indar handia emanez, testuen eta irudien arteko informazio osaketa lortuz. Ezberdina den horrek bere bideari ekin beharko dio, "beste leku batzuk aurkitzearekin egiten zuen amets", eta horrela bidaia batean hasiko da, zuri beltzeko mundu horretatik urrunduz, neke handiz mendiak, itsasoak eta baita basamortuak ere igaroz, harik eta zuri-beltza zen mundu horretan eguzkiaren horitasuna, euriaren urdina eta koloreen mundua agertu arte. Ortzadarra hasieran eta pertsonaiak ezberdinak ageri diren lurraldea ondoren. Munstro Arrosa, Hiru begiko igelarekin, Pilota piztiarekin, Txori horiarekin edo Munstro urdinarekin elkartuko da, eta han, bera ez da berezia izango, ez da arraroa. Aniztasunaren aldeko mezua dugu Munstro Arrosa hau, bere sinpletasunean (azaleko irudian bertan nabaria da hau) mezu argia adierazten duen albuma. Umore ukitu batekin, adierazpen sinple eta laburren bidez, ideia gutxi eta argiak erabiliz, irudietan kolore eta elementu gehiegi erabili gabe, Olga de Diosek istorio sinplea eta indar handikoa lortu du. Bizi garen mundu honetan besteak onartzearen aldeko mezua, ezberdintasunen aldekoa, jende, arraza, joera ezberdinak onartuz bizi hobea eskaintzen digun lana. Amaierara arte, jokabide positibo eta ireki hori bultzatzen duen albuma; izan ere irudian Munstro Arrosa ikus dezakegu irribarrez Ongietorri dioen kartel batekin eta urrutian hurbiltzen ari direlarik bere "sei anaia-arrebak"; "Munstro Arrosa LEKU honetan gertatu zen bizitzen, eta irribarrea egiteari ez zion sekula utzi". Eta hain zuzen horixe da gugan sorrarazi nahi duen edo sorrarazten duen sentimendua, irribarre batekin mundu hobe baten itxaropena.
news
argia-70f9ed2618d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/informatzeko-eskubidea-mugatzen-ari-dira.html
"Informatzeko eskubidea mugatzen ari dira"
Axier Lopez
2016-06-26 00:00:00
"Informatzeko eskubidea mugatzen ari dira" Kazetaritza ez dela delitua berriz esan behar izan du ARGIAk gure lankide bati poliziak egindako erasoa dela eta. Oraingo honetan Gorka Bereziartua izan da kaltetua. Gipuzkoa Zutik mugimenduaren asanblada bati buruz informatzen ari zela, Ertzaintzak bultzaka bota zuen lurrera, kalean eta egun argiz. Zer gertatu zen hilaren 19ko arratsaldean Donostiako Gipuzkoa Plazan? Gipuzkoa Zutik mugimenduak asanblada antolatu zuen. Ni han nintzen horren berri emateko. Hasi eta berehala Ertzaintza azaldu eta asanbladako kide bati identifikatzeko eskatu zion. Nortasun agiria eskuan zuela, ertzainek bultzakadak eta kolpeak emateari ekin zioten. Orduan hasi nintzen grabatzen. Baina hara non, egoera baretzen hasia zenean, ertzain bat niregana etorri zen telefonoa kendu nahian. Behin eta berriz kazetaria naizela esan banuen ere, bultzaka egin, prakak eta jertsea apurtu eta lurrera bota ninduen. Aurrena kamera kentzen saiatu, lurrera bota eta ondoren identifikatu? Hori da. Ez zuen lortu kamera kentzea eta bultzaka hasi ziren. Lurrean nintzela asanbladako kide bat nire gainera bota zen eta berak babestu ninduen tarte horretan atera ahal izan nuen nire kazetari txartela. Bideoan argi ikusten da ertzaina espresuki zure bila doala mugikorrez grabatzen ari zarelako. Zer dute ezkutatzeko kalean egun argiz? Ez zaie erosoa egingo asanblada batean modu baketsuan bilduta dagoen jendearen kontra nola oldartzen diren erakustea. Ertzaintzaren jarrera beste bat izan balitz, ez zen inolako istilurik izango. Tentsio guztia jendea identifikatzeko tema horrek sortu zuen. Sorreratik (23 egunez) informatu duzu Gipuzkoa Zutik-i buruz. Nola bizi izan duzue kazetariek Ertzaintza eta udaltzainen jarrera? Presioa etengabea izan da. Dinamika baketsua eta lasaia da Gipuzkoa Zutik, aldarrikapenak jai giroan eta modu irudimentsuan egiten ditu. Poliziaren jarrera bortitzak jendea ez hurbiltzea bilatzen du nire ustez. Tentsio egoerak sortuz, herritar askok nahiago izaten dute distantzia bat mantentzea kalterik ez jasateko. Normala da, ertzainek dantzan ari den jendearen kontra ere borrak erabiltzen dituela ikusten baduzu. Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu duen Espainiako Estatuko lehen lurraldean gertatu da hori guztia. Lege horri darion logika urratzailea uste baino zabalduago al dago? Logika hori aplikatzen jarraitzen dute. Adibidez, grabatzen ari zarenean nahitaez identifikatu beharraren erruz lortu dute guk informatzeri uztea. Igandean nire jarraipen informatiboa bertan behera utzi behar izan nuen, egoerak sortutako ezinegonagatik. Informatzeko eskubidea mugatzen ari dira. Mozal Legea aplikatu ala ez, bere logika zigortzailearen barruan funtzionatzen ari dira. Agintarien adierazpenak oso eskertzekoak dira, baina egunerokoan erakutsi behar dute informatzeko eskubidea bermatzen dutela, demokraziaren oinarrietako bat hori delako eta zaindu behar dutelako.
news
argia-1d275cdd3f37
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/diskoa.html
Delinkuentzia bazterrean, biziraun eta borrokan
Iker Barandiaran
2016-06-26 00:00:00
Delinkuentzia bazterrean, biziraun eta borrokan "Islamismoak gurea egingo du, gu ezabatu, bere egia bakarraren azpian zapaldu eta ezabatu nahi gaitu. Horregatik, lehenbailehen berarekin bukatu behar dugu, eta horretarako gure muga guztiak itxi behar ditugu, gu babesten gaituzten hesietan zanpatuta eta gu inguratzen gaituzten itsasoetan itota hil daitezen, madarikatuak!". Hori guztia jaio ginen unetik gaur egunera arte ezarri dizkiguten gezurretako beste bat da. Izan ere, oligarkia kristauaren balioen azpian alienatuak eta makurtuak gaude guztiok. Puteatutako bizitza miserablearen betiko kontua, gutxi batzuk gure kontu bizi daitezen. Bitartean kapitalismo erasokorrenaren erakusleihoekin itsututa aske garela uste dugu, erosi nahiko genukeena aukeratzeko gai garelako, eskubide guztiak lapurtzen dizkiguten bitartean. Rat-zinger taldeak irudikatzen du sistema zikin honetaz nazkatuta dagoen kalea, jende soila, batzuen ustez zaborra dena eta prest dagoena bere bizitzari akabera erailtzen emateko, delinkuentziaren bazterretan biziraun eta borrokatzeko hautua egin dutenak. Bai, gero eta gehiago dira, eta are eta arriskutsuagoak.   14 bolbora eztanda, barrenak lehertzeko gai direnak, arnasa ere eteten dutenak, dagoeneko ez dagoelako ez denborarik ezta munizio nahikorik sotanadun pederasta zein inpunitate osoz aritzen diren eskrupulu gabeko patroiak zigortzeko. Sofistikazioendako denbora ere pasa da eta disko honetan Bilboko piztiak ia erabat alboratu du aurreko laneko ukitu metaleroa, bizitasun handiko hardcore-punk-rocka lantzeko, azkarrena eta mingarriena. Beraien kantuetan bat egiten dute RIP taldearen Antimilitar gogora ekartzen duten erritmoek, punk-rock gitarreroak, neurririk gabeko punteatzeek, rock-and-roll menderaezinak, Motörhead zainetan, jakina, eta kaleko-rock sinesgarri eta navajeroenak, soilik gutxi batzuek –kalean bizi direnek–, bere esentzian transmititzen dakitena. Hiru dimentsioko formatu oso bitxian kaleratutako lan honetan Kaos Urbano taldekoen laguntza izan dute, Unete al terror piezan lur azpiko Madril eta Bilbo anaituz. Porco Bravo taldeko Manuk ahotsak sartu ditu No soy Nazareth rock-and-roll azkarrean, jasotako ostia guztien oka eginez. Kaos en mi autobiografikoan Non Servium taldeko lagunek esku hartu dute. Eta Renegados piezako hitzak idazteaz gain, mikroa hartuta Txarly Usherrek abestu du (La Casa Usher, Los Carniceros del Norte, Radio Crimen eta beste talde askotan ibilia). Dagoeneko aita santu bat akabatu dute; gorrotoz armatuak daude eta inork ez ditu gelditu behar, ez aita santuak ezta haren sasi-amak ere. Bota zure burua albo batera edo armaz hornitu beraiekin estoldatan.
news
argia-2b9836ade233
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/aberatsak-eroso-pobreak-lupapean.html
Aberatsak eroso, pobreak lupapean
Mikel Garcia Idiakez
2016-06-26 00:00:00
Aberatsak eroso, pobreak lupapean Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzarik (DBL) ezingo da gehiago eskatu uztailaren 1etik aurrera Gipuzkoan –seme-alabak dituztenen kasuan, abenduaren 31ra arte luzatuko da epea–. Diputazioak dio prestazio ekonomiko honek ez duela gizarteratzeko balio eta kendu egin du, baina bizirauteko gutxieneko errenta bat eta politika integratzaileak elkarren osagarri direla uste dute arloko eragileek, batak ez duela bestea oztopatzen, alderantziz baizik. Garbi du Caritasek: "Ematen ez direnak dira laguntzen ez duten laguntzak". Eztabaidan murgildu aurretik, jar ditzagun datuak mahai gainean: 1.371 familiek jasotzen dute laguntza hau Gipuzkoan; familia horien euskarri izateaz gain, 500 bat enplegu sostengatzen ditu –gertuko kontsumoa areagotzeko pizgarri delako–; eta Diputazioak 11 bat milioi euro bideratzen ditu prestazio honetara, hau da, 813 milioiko aurrekontua duela kontuan hartuta, aurrekontuaren %1,4 baino gutxiago. Hori guztia, pobrezia eta bazterketa egoera gero eta handiagoa denean: 2012tik 2014ra pobreziak %50 egin du gora EAEn; egun, biztanleen %20tik gora bizi da txirotasun eta bazterkeria arriskuan. EAEko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteagatik hasi zen dena Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) dugu EAEn, politikariek hainbestetan famaturikoa, babes sozialerako eta pobrezia arintzeko erreminta eraginkorra dela baitiote datuek. Bada, 2011n Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen DBE jasotzeko baldintzak zorroztea –urtebeteko erroldatzea eskatzetik, EAEn gutxienez hiru urtez erroldatuta egon behar izatera pasa zuten eskaera– eta errentaren diru kopurua %7 murriztu zuten. Murrizketa horiei emandako erantzuna izan zen Gipuzkoako diru-laguntza, Aldundian EH-Bilduk gobernatzen zuenean: 1 eta 3 urte arteko tarte horretan babesgabe geratu zirenei estaldura emateko alternatiba izan zen –alegia, urtebeteko erroldatzea eskatzen zen Gipuzkoan prestazioa jaso ahal izateko, eta ez hiru urtekoa–. Alfonso Lopez Martinez: "Fiskalitate juxtuago eta progresiboagoa behar dugu, aberastasuna birbanatzeko era orekatuagoa. Garapen ekonomikorik ez dago garapen sozialik gabe, hori frogatuta dago" Onena zer den argi dute eragile sozialek: DBE gutxienez lehengora itzultzea, EAEko herritar guztiek eskubide eta babes egokiak izan ditzaten, baina 2011tik halakorik egin gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, eta orain Gipuzkoan zuten adabakia ere ezabatu du Aldundiak. Erabakiaren aurka agertu dira sindikatuak, aurka mintzatu da Gipuzkoako Langile Sozialen Elkargo Ofiziala, eta salaketa gogorra egin dute Caritaseko hainbat kidek, ekintza "oso larria" dela, "penagarria" iruditzen zaiela eta "konpromiso etikorik eza eta behartsuekiko justiziarik eza" azpimarratuz: "Hor ikusten da bazterkeriaren kulturan bizi garela". Gipuzkoako Afrikarren Batasuna elkartean ere kritikoak dira: "Familia askoren bizitzarekin ari dira jolasten". Eta gehitu digute, elkarbizitzarako eta gatazka soziala saihesteko ere funtsezkoak direla halako prestazioak: "Lapurtzera edo gisako ekintzetara bultzatuko dituen egoerak saihesten ditu oinarrizko diru-sarrerak. Bizirauteko dirurik ez duenak eta lanik lortzen ez duenak zer egingo du ba, gosez hiltzen utziko du bere burua?". "Gipuzkoako Aldundiak dirua behar du, aurrekontuak koadratu, eta pobreen kontura egiten du, pobreek ez dutelako bozkatzen, aberatsek baino parte-hartze politiko txikiagoa daukatelako, eta sarri euren egoera administratiboagatik ezin dutelako euren burua defendatu", dio Ander Rodriguez Lejarzak. Bera da prestazioa ezarri zuen Gizarte Politikako sailburu ohia. Egungo sailburuari ere, Maite Peñari, galdetu diogu laguntza kentzeko arrazoiez, baina ez digu erantzun; konfrontaziorik ez duela nahi argudiatu digute bere sailetik. Aurrera begira martxan jarriko duten politika sozialaz hitz egitea ere proposatu diogu, baina oraindik zehaztugabe dagoela adierazi digute. Laguntza ezabatzeko argudioak, dena den, agerraldi publikoan eman zituen. Goazen urratsez urrats. Homogeneotasuna? Baldintza onenak izatetik, okerrenetara Prestazio honek Gipuzkoa "irla" bilakatu duela eta laguntzak lurralde osoan "modu homogeneoan" eman behar direla adierazi du Peñak. Eredu bateratua litzateke onena, bai, baina esan bezala, EAEko DBEren baldintzak okertu egin zituzten, eta bere horretan jarraitzen dute. Horregatik, baldintzak gogortzearekin batera kanpoan geratu diren herritarrak berriz ere babes-sisteman sartzeko DBE hobetu behar dela aldarrikatu du Alfonso Lopez Martinezek, Pobrezia eta Giza Bazterkeriaren Aurkako Europar Sareko Euskadiko ordezkariak. Ander Rodriguez Lejarza: "Kanabera emateko, arraina lapurtu behar al diozu? Gizarteratzeko, lehenik duin bizitzea bermatu behar da" Bitartean, homogeneotasun horren izenean, paradoxa bitxia emango da: Bizkaian eta Araban, prestazio sozialek 2 urte eta erditik 3 urterako erroldatze tartea estaltzen dute, eta Gipuzkoan, diru-laguntza ezabatuta, estaldurarik gabe geratuko dira 3 urte baino gutxiago erroldatuta daramatenak –3 urtetik aurrera, DBE jaso dezakete–. Beraz, baldintza onenak zituen diru-laguntza eskaintzetik, EAEko beste lurraldeak baino baldintza okerragoak eskaintzera igaroko da Gipuzkoa. Argudioari ez dio ez hanka ez bururik ikusten Rodriguezek: "Mendekotasun laguntzekin ere gauza bera egingo du Aldundiak? Izan ere, Bizkaian eta Araban aplikatzen ez diren irizpideak aplikatzen ditu Gipuzkoak; murriztu egingo ditu? Beste zerbitzu batzuetan ere estaldura hobea eskaintzen da Gipuzkoan, homogeneizatu egingo dute, txarrerako?". "Migrazio artifiziala", mezu arriskutsu bezain tranpatia Gipuzkoako laguntza honek "migrazio isuri artifiziala" eragin duela ere arrazoitu du Peñak, "erakartze efektua" aipatuz. Migrazioak gora egin baino, ordea, jatorri atzerritarra duten baina dagoeneko bertan bizi ziren hainbatek aukera –eskubidea– baliatu du, urtebeteko erroldatzea nahikoa zelako. Egun, Espainiako Estatutik kanpoko nazionalitatea dutenak %6,5 dira Gipuzkoan, Araba eta Nafarroan baino gutxiago. Jakina, jendeak nahiago du lan eta bizi baldintza onenak eskaintzen dizkion gizartean, gizarte osasuntsuaren isla baita hori, herritar guztion eskubideak eta beharrak bermatzen dituen gizartearen isla. "Ez dugu ezer ulertzen –diote elkarte afrikarretik–, ahoa betetzen zaie, errefuxiatu siriarrak hartzeko prest daudela, baina gero bertan dauden etorkinak bota nahi dituzte?". Caritaseko kideentzat, "askotan, gure solidaritatea itxura hutsa da". Eta Rodriguez Lejarzarentzat, "krisiak gehien kolpatzen dituenak pobreak eta etorkinak dira, eta horiek berak zigortzen ari da krisiari erantzuteko sistema publikoa: bi bider dira biktima. Lehengo berdinera goaz: zergatik jarri dute kolektibo hau jomugan? Askok ez duelako bozkatzeko eskubiderik, eta badutenean, gutxiago direlako bozkatzera doazenak". Gizarteratzea, erronka handia Oinarrizko laguntzak menpekotasun kronikoa sortzen duela gehitu du Peñak, eta ez diola herritarrari gizarteratzeko eta aurrera egiteko balio. Markel Olano ahaldun nagusiaren metafora berreskuratuz, "beharra duen pertsonari zer eman" erabaki behar da, "arraina ala kanabera, eta guk uste dugu hobe dela kanabera". Bide horretan, Elkar-Ekin programa aurkeztu du Aldundiak: nagusiki, "bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako egoitzetan plaza gehiago eskainiko dira, eta lan munduan barneratzeko prestakuntza espezifikoa, hizkuntza ikastaroak eta enplegua eragingo duen ekonomia sozial eta solidarioa bultzatuko da", dio programak. Alfonso Lopez Martinez: "Ez du zentzurik hainbat politikari eta hedabidek sortutako kezka mailak; badirudi DBEren erruz herrialdeak hondoa joko duela, eta Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 baino ez da" Haatik, harrituta dago Rodriguez Lejarza: "Kanabera emateko, arraina lapurtu behar al diozu? Proiektu autonomoak garatzeko, aurretik ez al da komeni jan ahal izatea? Gizarteratzeko, lehenik duin bizitzea bermatu behar da, eta guk geuk EH-Bildutik diru-laguntzarekin osagarriak liratekeen gizarteratze neurriak proposatu ditugu. Guztiz faltsua da laguntza eta gizarteratzea aurkari gisa planteatzea: bide paraleloak dira, kasuen arabera ez dutenak zertan batera joan, pobrezia egoeran dauden guztiek ez dutelako bazterkeria jasaten, bazterketak ez baitu zerikusia soilik diru-sarrerarekin, multidimentsionala da eta gizartean duzun parte-hartzearekin, lan merkaturako gaitasunekin… ere badu lotura". Sorospena bermatzea eta politika prebentiboak indartzea, hori da binomio egokia, Joseba Zalakain gizarte zientzietako adituaren hitzetan: "Politika birbanatzaileetan bakarrik ez, politika aurre-banatzaileetan ere indarra jarri beharko genuke: hezkuntza, lan merkatua eta etxebizitza arloa egokitzea premiazkoa da, pobrezia gutxiago sortzeko". Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, eztabaidaren erdi-erdian Lehenik, berriz ere, datuak. DBE 65.657 biztanlek jasotzen dute EAEn; jasotzen dutenen hirutik bik Espainiako Estatuko herritartasuna dute eta erdia baino gehiago emakumeak dira. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 inguru bideratzen da errenta honetara eta herritar horiei gutxieneko diru-sarrera bermatzeaz gain, kalkulatzen da 26.000 lanpostu inguru mantentzeko ere balio duela. Aurrerago aztertuko dugun bezala, datuek erakusten dute baita ere enplegua izateak ez duela bermatzen txirotasun egoeratik ateratzea: iaztik jaitsi egin da langabezia EAEn, eta errenta behar dutenen kopurua igo. Egun, batzorde tekniko bat DBE aztertzen ari da eta haren inguruko eztabaida mahai gainean dago. Politikari bakan batzuen ildo demagogikotik urrun –Javier Marotok abiatu zuen sokari tiraka DBE jasotzeko baldintzak gogortu nahian jarraitzen du PPk, gutxienez bost urteko erroldatzea eskatuz eta egoera irregularrean dauden migratzaileak kanpoan utzi behar direla aldarrikatuz–, hiru puntu nagusi hobetzeko beharra ikusten dute eragile sozialek: DBE gutxien-gutxienez lehengo baldintzetara bueltatzea, gizarteratzean eta gizarte zerbitzuen rolean indarra jartzea, eta oinarrizko errenta egungo lan merkatuaren logikatik ateratzea. Lehenengo puntuari lotuta, errolda eskaera berriro urtebetera jaitsi eta diru-kopurua berriro %7 igotzeaz gain, bestelako aldaketen beharra ere aipatu digu Alfonso Lopez pobreziaren aurkako ekintzaileak: hala nola, seme-alaben araberako diru kopurua berrikustea –orain, bigarren seme-alabatik aurrera, berdin dio hiru, lau edo bost ume izan, diru kopurua berdina da– eta tramitazioa erraztea, prestazioa eskatzeko prozedura oso konplexua dela baitio. Gaur egun, errenta horretarako eskubidea duten herritarren %30 inguruk ez du jasotzen, eta arrazoi nagusiak dira desinformazioa eta prozedurak batzuengan sortzen duen estigma eta umiliazioa. "Kalean eskean ikusten dugu jendea, baina zergatik daude eskatzen? Galdetu al diezu noizbait? Nik bai, eta erantzun didate administrazioan horma bat aurkitzen dutela, erraztasunak eman ordez aurrera egiteko oztopoak jartzen dizkietela. Eta jende horrek ez luke kanpoan eskean egon behar, lanean edo ikastaroren batean baizik, edo gizarteratzeko beste bide bat egiten… Gizarte laguntzaileak esku hartu beharko luke hor", diote Gipuzkoako afrikarren elkartetik. Ander Rodriguez Lejarza: "Oinarrizko errenta unibertsalerantz egingo duen gizartea da bidea. Erresistentzia kutxa bat izatea bezalakoa litzateke, edozein enplegu edozein baldintzatan ez hartzeko baliabideak emango lituzkeena" Bigarren puntura garamatza horrek: EAEn bi eskubide aitortzen zaizkio herritarrari, diru-sarrera duinak izateko eta gizarteratzeko eskubideak, eta bigarren arlo hori ez da modu egokian betetzen. Urrats garrantzitsu bat litzateke gestio guztia Lanbiden kontzentratu ordez –eta kudeaketa administratibo hutsa izan ordez–, garai batean egiten zen moduan profil jakin bat duten kasuak, bazterkeria arriskuan daudenak esaterako, gizarte zerbitzuetara bueltatzea. "Azken finean, oinarrizko sorospena emateaz gain herritarren garapen komunitarioa ere bideratu behar da (inguruarekin eta ingurukoekin duen harremana, sozialki duen rola, bere komunitatean duen zeregina…) –azaldu digu Lopezek–. Herritarrak inguruan integratzeko laguntza dira gizarte zerbitzuak, baina zerbitzu publikoetako ezezagun handiak dira. Ezagutarazi eta balioa eman beharko genieke". Eta enplegu bat izatea ezeren berme ez denean? Hirugarren kezka bat azaleratu dute elkarrizketatuek: prestazio sozialak oso lotuta daude kontratupeko enpleguari; edo prestazioa jaso, edo kalitate gutxiko enplegu prekarioa da sarri alternatiba. Edozein lan mota edozein baldintzatan exijitu ahal zaio jendeari? Gero eta prekarizatuago dagoen lan merkatuan, egungo eskemak pobreziatik ateratzeko balio ez duten enpleguak hartzera behartzen ditu herritarrak, diru-laguntzen menpeko ezin dutela izan argudiatuta. Gipuzkoan soldata %6 prekarizatu da 1.100 euro edo gutxiago irabazten dutenen artean; EAEn, pobrezia mailatik beherako soldata dute langileen %18k. Imanol Zubero EHUko soziologoaren ustez, soldatapeko enplegutik bereizi behar da DBE: "Lan merkatu gero eta araugabe, ezegonkor eta prekarioagoak objektiboki ezinezko egiten du lotura hori. Porrotera kondenatzen du". Beste modu batera esanda, bizitza osorako lan prekarioetara kondenatzen ditu batzuk. Gainera, lan merkatua antolatuta dagoen moduan, ez da gauza herritar guztiak barne hartzeko. "Dirua egon badago –nabarmendu du Lopezek–, dirua sortu sortzen da, baina aberastasun hori banatzeko genuen moduak ez du funtzionatzen eta gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen da. Fiskalitate juxtuago eta progresiboago bat beharko genuke, aberastasuna birbanatzeko era orekatuagoa. Europa iparraldean adibidez, sistema ekonomiko ona daukate, babes sozial sistema on bati lotuta: garapen ekonomikorik ez baitago garapen sozialik gabe, hori frogatuta dago". Aldiz, fortuna handien gaineko zerga erreformatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aberatsek gutxiago ordain dezaten. Prestazio sozialak enplegutik bereizi eta herritar guztiek oinarrizko errenta bat izateko eskubidea eztabaidagai dute, besteak beste, Finlandia, Herbehereak, Alemania edota Suitzan. Norabidea hori dela uste du Rodriguez Lejarzak: "Soldatapeko enpleguaren zentralitatea gainditu eta oinarrizko errenta unibertsalerantz egingo duen gizartea da bidea. Zure bizi-proiektua garatzeko gutxieneko errenta bat bermatua izatea; eta zure bizi-proiektua izan daiteke denboraren zati bat soldatapeko enpleguari eskaintzea (bide batez, lanorduak gutxituz jende gehiagori aukera emateko), beste ordu batzuk (edo bizitzaren epe jakin bat) zaintzari, boluntariotzari… Erresistentzia kutxa bat izatea bezalakoa litzateke, ELA sindikatuak duen moduan, edozein enplegu edozein baldintzatan ez hartzeko baliabideak emango lituzkeena". Lan merkatua berrikusteak ere lagunduko luke: 35 orduko lan-asteak eta 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu ditu LABek. Behin-behineko kontratuak, halaber, eguneroko ogia dira. Diskurtsoa lokaztea, elitearen garaipena Krisiaz geroztik, interes jakinei erantzuten dieten mezuak ugaritu dira laguntza sozialen inguruan: gehiegi hazten ari direla –eskubidea duen orok jasoko duen arren prestazioa, eskubide subjektiboa baita–, iruzur asko dagoela –nahiz eta iruzurra %0,3koa den, Ogasunean egiten dena baino askoz txikiagoa–, etorkinak diru-laguntzetatik bizitzera datozela –bai migrazio datuek bai egiten duten ekarpen ekonomikoaren datuek gezurtatzen duten arren–. Eztabaida guztiz lokaztuta dagoela dio Lopezek: "Hasteko, ez du zentzurik hainbat politikari eta hedabidek sortutako kezka mailak; badirudi DBEren erruz herrialdeak hondoa joko duela, eta Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 baino ez da". Zergatik jartzen da fokua diru-laguntzetan, eta ez aberatsak hain aberats mantentzen dituen zerga sisteman? Ustelkerian galdutako milioika euroetan? Komisio ilegaletan? Azpiegitura handietan?... Prestazio sozialak lotuta daude kontratupeko enpleguari; edo prestazioa jaso, edo kalitate gutxiko lan prekarioa da sarri alternatiba. EAEn, pobrezia mailatik beherako soldata dute langileen %18k "Pobreen arteko borroka nahi dute –gaineratu du Rodriguezek–, pobreak elkarren artean lehian jartzea. Zure arazoa da ondoan daukazuna eta zu baino pobreagoa dena; jendeari hori pentsaraztea da krisi garaian sistemak izan duen lorpenik handiena. Ez begiratu gora, arazoa ez dago goian, behera begiratu, hor duzu etsaia". Lopezek gogoratu duen moduan, ordea, pobrezia eta bazterketa ez dira horiek sufritzen dituzten pertsonen ezaugarriak, egiturazko arazoa baizik, hori guztia eragiten duten gizarteak eraikitzen ditugulako. "Halako egoerak pairatzen dituztenak ezin ditugu euren egoeraren errudun eta erantzule bihurtu". Aporofobia edo pobreenganako beldur eta fobia zabaltzen ari den garaiotan, gomendioa egin digute Gipuzkoako afrikarren elkartetik: "Jaitsi eskaileratik eta begiratu ingurura, nola bizi den jendea, eta ez soilik etorkinak, goian bizi den jende askok ez dakielako behean zer dagoen ere. Ahaztu jana, edaria, aterpea… duzula, irudikatu hori, jarri bestearen azalean". "Zure arazoa da ondoan duzuna, zu baino pobreagoa dena; ez begiratu gora, behera baizik, hor duzu etsaia. Jendeari hori pentsaraztea da krisi garaian sistemak izan duen lorpenik handiena", salatu du Rodriguez Lejarzak.
news
argia-347464d534c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/alfredo-espinosa.html
Agirre Lehendakariaren sailburu fusilatua
Aitor Azurki
2016-06-26 00:00:00
Agirre Lehendakariaren sailburu fusilatua 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten faxistek Gasteizen. Hilabete honetan inauguratuko dute bere izena daraman Urdulizko ospitalea. Alfredo Espinosa errepublikarra Bilbon zinegotzi, Burgos eta Logroñoko gobernadore zibil eta lehen Eusko Jaurlaritzako osasun sailburua izan zen. "Txiroen medikua" izenez ere ezaguna, ahalegin handia egin zuen gerra betean herritar guztientzako mediku-artapena ziurtatzeko. "Espinosari deitu diot. Oso berandu da: bostak eta laurden. Hitz egin dugu, konfesatu da. Negar handiz barkamena eskatu dio Jaungoikoari malko artean. Bere Pakita etengabe gogoratzen du. Zeruan berriz ikusiko dute elkar". Alfonso Moreno jesuitaren hitzak dira, Alfredo Espinosa fusilatu aurreko une latz horietan berarekin egondako erlijiosoa. Ondoren, kamioira igo eta Gasteizko Santa Isabel hilerriko paretetan fusilatuta, hobi komun batean lurperatu zuten 1937ko ekainaren 26an. Agirreren gobernuko exekutatu bakarra dugu. Bere ondoan, metro gutxira Jose Agirre artilleria-komandantea ere fusilatu zuten. Hil baino lehen, eskutitzak idatzi eta idatzi aritu ziren biak. "Espinosak asko sufritu zuen. Hesituta sentitzen zen, gaizki zainduta. Gau osoan idazten. Asaltoko guardiak, inoiz bezala oso adeitsu eta gizatiar, ia denbora guztian eurekin bakarrik utzi ninduten. Denbora behar zuten. Idazteko denbora. Exekuzioa atzeratzea beharrezkoa da. Telefonoz deitu dute, kontsultak eta erreguak daude… Papera amaitu da. Protesta egin dute. Erresidentziara joan naiz paper eske. Asko eskertu didate", dio Morenok azken orduetako tentsioa agerian utziaz. Gutunak, besteak beste, amari eta Agirre lehendakariari zuzendurikoak dira: "Nire lagun eta kide maitea –dio Espinosak horietako batean–. Zuri zuzentzen natzaizu Gobernu osoaren izenean, Gasteizko presondegian exekutatu baino apur bat lehenago. Zarauzko plazan preso hartu gintuzten hegazkina matxuratu zelako edo gidariaren traizioarengatik; epaitu eta heriotza-zigorrera kondenatu naute, eta gaur bi orduren buruan sententzia beteko dute". Erlijiosoak idatzi batean deskribatu zituen hilerrirako azken uneak: "Bidea gero eta motzagoa den itoaldia izugarria da. Jaitsi gara. Hormaren aurrean gaude. Eskapularioa jarri diot. Agur esan diot. Muxu eman diote, nire gurutzea musukatuz jarraitu naute biek. Kargatu! Apuntatu! Su!". Baina, nola amaitu zuen Agirreren gizonak frankisten eskuetan? Espinosa ekainean Baionara joana zen osasun-materiala erosi asmoz, Gorlizeko haurren koloniari lagunduta, hain zuzen. Lanok amaiturik, ekainaren 21ean Bordeleko aireportutik Santanderrera, borrokan ziren gainerako gobernukideengana itzultzeko hegaldia egin zuen, baina bat-batean aparatua Zarautzen lurreratu zen, José María Yanguas pilotuak traizionaturik. Lan itzela haur errefuxiatuekin Espinosak lan eskerga egin zuen bizitza osoan umeen eta behartsuenen egoera hobetze aldera: "Gerran herritarren mediku-artapenaz arduratu zen batik bat, bereziki ebakuatutako eta errefuxiatutako haurrez", dio Jon Penche historialariak, Alfredo Espinosa. 1903-1937. Un republicano al servicio de Euskadi liburuaren egileak. Ospitale sare zabal baten sortzailea ere badugu. Iñaki Egaña Aranzadi elkarteko historialaria ere bat dator: "Ahalegin izugarria egin zuen ebakuazioetan. Lan itsusi eta ezkutukoena zen eta zirrikitu guztiak aprobetxatu zituen ospitaleak egiteko. Espainiako Gurutze Gorria desegin eta Euskadiko Gurutze Gorria ere sortu zuen". Medikuntza Fakultatearen sorkuntzan ere parte hartu zuen, "garai horretan ireki zen bakarra", nabarmendu du  Penchek. Errepublikar familia ospetsu bateko semea izaki, konpromiso sozial eta politikoa gaztetatik izan zuen: "Unibertsitate garaietan ekin zion militantzia politikoari eta 1931n Partido Republicano Radical Socialista alderdiko zinegotzia izan zen Bilbon. Ondoren, Burgoseko eta Logroñoko gobernadore zibil izendatu zuten". Medikua lanbidez, kontsultetako bat Bilboko San Frantzisko kalean zuen. "Txiroen medikua izenarekin ezaguna zen, auzoko behartsuak artatzen baitzituen doan", dio. Faxisten 1936ko estatu kolpea jazo eta segituan, Errepublikako Komisaldegi Orokorreko osasun arduradun izendatu zuten Bizkaian. "Estatu kolpearen indarra ikusirik, komisaldegia Defentsa Batzorde bilakatu eta komunikazio arduradun nagusi egingo dute Espinosa", azaldu du bere biografoak. Heriotza-zigorraren aurka Espinosak argi ditu gauzak, eta halaxe adierazten dizkio lehendakariari: "Tribunalek inor heriotza-zigorrera kondenatuz gero, nire bozka, beste mundutik, beti indultuarena izango da". Egoera gogorra izanagatik, beste presoez ere oroitu zen: "Atzo Lauaxeta fusilatu zutela uste dut, beste martir bat, asko daude heriotzara kondenaturik. Denon trukaketa ahalik eta lasterren egin ezazue, egoera horretan bizitza ikaragarria baita". Pencheren esanetan "kudeatzaile oso ona izan eta beti giza eskubideenganako errespetua gorde bazuen ere, Espinosaren memoria ahazturik egon da". Bilbon bada Alfredo Espinosaren izena daraman kalea, baina Pencheri ulergaitza zaio zergatik erantsi dioten izenari "doktore" kargua eta ez, aldiz, sailburuarena. "Bere alderdia desagertu egin zen eta historiak xurgatu egin du Espinosaren irudi erraldoia", gaineratu du Egañak. Bilboko 1937ko urtarrileko kartzela asaltoetan, adibidez, presoak laguntzen lehen sailburua izan zen. Paradoxikoki, faxistek ez zioten bizitza barkatu, eta Espinosa trukatzeko Eusko Jaurlaritzaren saiakeren aurrean, Franco bera izan zen espresuki ezetz esan zuena: "Herriak justizia eta odola eskatu ditu". Izan ere, bi historialarien aburuz, mediku eta sailburuaren exekuzioarekin eskarmentua eman nahi izan zitzaion Eusko Jaurlaritzari.   "Adiskide –idatziko dio Agirreri–, esan gure herriari Gobernuko sailburu bat adoretsu hilko dela, eta, atsegin handiz honen askatasunaren alde bizitza eskaini duela". Amari, berriz, honela zuzendu zitzaion: "Zure seme Alfredo ausarki hilko da, Pepe hil zen bezala: sekula desohore eta doilorkeriarik egin ez dudanaren harrotasuna izan ezazu; nire Aberriarengatik, Espainiarengatik eta Errepublikarengatik hilko naiz".
news
argia-f34c37910b5f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2513/hondakinen-lobbyaren-aurrean-ezin-da-esan-du-manuela-carmenak.html
Hondakinen lobbyaren aurrean "ezin da" esan du Manuela Carmenak
Pello Zubiria Kamino
2016-06-26 00:00:00
Hondakinen lobbyaren aurrean "ezin da" esan du Manuela Carmenak "Zerbitzu publikoen bermunizipalizatzea" eslogan polita da programetan, korapilatsuagoa praktikan. Manuela Carmena, Podemos izeneko ezker berriaren izarretakoa, hondakinen kudeaketa pribatua berriro udalaren esku jartzeko promesarekin iritsi zen Madrilgo alkatetzara. Urtebete baino lehen, justu alderantzizkoa egin du, ACS, Ferrovial eta FCCri zerbitzua urte gehiagotarako esleituz. "No se puede " esan du Madrilgo alkate Manuela Carmenak, Espainiako M15 osteko ezker berriaren leloa gezurtatuz. El País egunkariak martxoaren 15ean titulatu zuen: " Carmena renuncia a municipalizar el servicio de recogida de basura " ondoren argitzeko udalak Madrilgo hondakinen kudeaketa pribatu lagako duela lau urterako. Agintzen egongo den aldi osorako, alegia. Horrela baztertu du Podemosek Madrilgo udalerako aurkeztutako programaren osagai nagusietako bat: "Udal zerbitzuen kudeaketa publikoa progresiboki berreskuratzeko estrategia finkatu (...) zaborren zerbitzua bermunizipalizatzeko". Carmenak alkatetza hartu eta laster, 2015eko abuztuan, Lo que debes saber hedabide elektronikoak jakinarazi zuen hondakinen gatazka hasia zela Madrilen: " Las grandes constructoras y Carmena entablan un pulso por el negocio de la basura en Madrid ". Feliciano Tiserak zioen: "Bataila mahai gainean dago. Eraikuntzako korporazio handien –FCC, ACS eta Ferrovial- filialak diren zabor bilketako konpainiak presio egiten diote Manuela Carmenari (Ahora Madrid) zabor bilketako kontratuak mantentzeko eta ahal bada hobetzeko". Madrilgo hiriko zabor bilketaren kontratua –ez nahastu kale garbiketarenarekin, nahiz eta hau ere gehien bat korporazio horien beren eskuetan egon– 2015eko urrian amaitzen zen eta urtean 100 milioi euro mugiarazten zituen. Carmena, zioen kronikak, zalantzan zegoen, edo hiru handiekin tratuak berritu, edo ziztu bizian 1.900 langileko zerbitzua udalaren esku berriro hartu. Udalak urte beteko luzapena eskaini zien konpainiei. Hauek bazekiten Carmena denboraz larri zebilela eta hamar urterako kontzesioaz gain prezio hobeak eskatzen zizkioten. Tartean zegoen zabor bilketan kaosa sortzeko arriskua, CCOO eta UGT sindikatuen mehatxuengatik. Eta Carmenak amore eman du. Aferaren mamia ezagutu nahi duenak ondo egingo du Diego Sanz Paratcharen " El cambio en Madrid tropieza con la basura " leitzea Diagonal aldizkariaren webgunean. "Carmenak berriro hiri hondakinak enpresa handien eskuetan jarri ditu. Adituek eta bermunizipalizazioaren aldeko taldeek salatzen dute borondate politikorik eza". Madrilgo Ingurumen zinegotzi Inés Sabanesek bi argudiorekin justifikatu zuen erabakia: 1.900 langile konpainia pribatuetatik udal konpainia berri batera subrogatzeko denborarik eza eta Gobernuaren murrizketa planek enplegu publiko berriari jarri dizkioten mugak. Konpainia pribatuek 2016ko azaroan eskuratuko dituzten kontratuekin, edozein publifikatze plan atzeratuko da gutxienez 2020. urtera, edo ziurrenik gehiago, lehiaketako baldintzetan bi urteko luzapena eskaintzen delako. Agintari ezkertiarren ximurtzea esplikatzeko lehen gakoa Sanz Paratchak ikusten du Manuela Carmenaren ekipoaren izaeran. Podemoseko Iñigo Errejonek pertsonalki fitxaturik, Carmenak bere jendez osatu zuen Gobernu talde osoa, salbu eta bi zinegotzi, horietako bat Ogasuneko Carlos Sánchez Mato, hondakin bilketako kontratuarekin kritiko agertu diren bakarrak. Carmenak alkatetza hartu bezain laster kargu berri bat sortu zuen, hiriaren kudeatzailea (Gerente de la Ciudad), Carmen Román Reichmanni eman ziona. Madrilgo Gobernuan Ogasun ministerioko eliteko funtzionarioa, zuzendari nagusi izana da bai Aznarren eta bai Zapateroren gobernuetan. Bere kontrolpean dagoen udaleko zerbitzu juridikoa izan da Ana Botellaren (PP) pribatizazioak bermatu zituena... eta Carmenaren kanpainako publifikatze promesak baztertzea gomendatzen duena. Arazo teknikoak ala borondaterik eza Madrilgo porrotaren esplikazio bila kazetariak galdekatu ditu Jorge Riera Madrilgo zerbitzu publikoen bermunizipalizazioaren aldeko plataformakoa, Enrique Villalobos Madrilgo auzo elkarteen federaziokoa eta Jordi Colomer i Mise zerbitzu publikoen kudeaketan aditua –bide batez esanda, Gipuzkoan Usurbil eta Hernanin hondakinen Atez Ateko bilketa antolatu zuena–. Denak datoz bat esateko zerbitzu publiko pribatizatuak berriro esku publikoetara ekartzeko garrantzia handia duela ekipo juridikoa gaiarekin konprometituta egoteak. Baina zer egin administrazioan aurkitutako ekipo juridikoa erabat kontserbadorea baldin bada? Colomerrek aitortu du Arenys de Munten ur zerbitzua berriro udalaren esku jartzeko udalaren teknikoen paraleloan enpresa publikoan zerbitzu juridiko propioa antolatu behar izan zutela: "Edo aurkitzen duzu halako 'gerrillero' tipiko bat edo lagunduko dizun taldea osatu beharra daukazu". Honetan, paradoxikoki, gastuetan aurrezteko nahia muturreraino eramateak ezkerreko agintarien kontra jo dezake: Madrilgo zinegotziek behar zituzten baino aholkulari gutxiago edukitzean "azkarrago joateko ahalmenari uko egin zioten", dio Villalobosek, "nahi duten hiri eredua lortzekotan askoz aholkulari gehiago behar zituzten". Bigarren zailtasun nagusia ere, Gobernutik Montorok administrazioei ezarritako murrizketa eta mugak, gainditzeko modukoa izan daiteke. Kontratuak aldatzerakoan konpainia pribatu batetik bestera bezala, 1.900 langile berdin pasatu ahal izango lirateke enpresa pribatu batera. Bestalde, Madrilgo diru kontu aski txukunek baimentzen diote enpresa berriak sortzea eta enplegu berriak sortzeko muga gainditzea baimentzen zaie oinarrizko zerbitzuei, horien artean hondakinen kudeaketari. Gainera, enpresa publiko batek etekinik eman behar ez izatean eta BEZa ordaindu beharrik ere ez, udalak erabaki dezake zerbitzua modu eraginkorragoan eskainiko dion zerbitzu bat sortzea. Antza denez, arrazoi guztiok baloratuta publifikatzearen bideari eutsi nahi zion Carmenaren Ogasun zinegotzi Sánchez Matok. Baina ezin izan da. CCOO eta UGTko buruek ere publifikazioaren kontrako lana egin dute –"oinarrizko afiliatuak alde zeuden, baina 20 urtez lanik egin ez duten liberatuak ez, berriro lanera bidaliko zituzten beldurrez", esan du lekuko batek– eta Florentino Pérezen ACS-Urbaser eta Carlos Slimen FCCk lortu dute nahi zutena. Azkenean, hondakinen kudeaketa eredu kontua zena, zerbitzu publikoen kontrata pribatu erraldoien arteko lehian geratu da: Florentino Pérez versus Felipe Gonzálezen lagun Carlos Slim. Bitxia da Espainiari hainbeste begiratzen dion Euskal Herriko iritzi publikoan zein oharkabean pasatu duen Madrilgo albiste hau. Gipuzkoako hondakinen aferan argi egin eta sindikatuek bezala ezkerreko alderdiek aipatzen duten bermunizipalizatzea benetan eztabaidatzeko aukera ematen du.
news
argia-bc66d64fe8f0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/odolaren-hiriburua.html
Odolaren hiriburua
Joanes Etxebarria
2016-04-17 00:00:00
Odolaren hiriburua Gure hiriburua aipatu dute sekula ez bezala. Nazioarteko hedabideek, frantsesek barne, Maule aipatu dute, eta ohikoa denez, ez luze: krudelkeria, basakeria... Maule odolaren hiriburu bilakatu dute eta joan dira. Gogoan dut kabala hiltegia berritzea deliberatu zutenean nolako harrotasuna izan zen agintarien aldetik. Eta uler zitekeen, heriotza erdi-tabu izanik ere, eskualdeko ekonomiarentzat tresna garrantzitsua bilakatuko baitzen. Kooperatibentzat eta laborari txikientzat ezinbesteko tresna baita hiltegia. Bai, bederen, xerriak etxean hiltzea debekatzen duen jendarte batean. Gurea haragi-jaleen kultura baita, ideia hori maita ala ez maita. Hedabide gehienek hain dute sentsazionalista izan behar, hiltegiaren funtzioa bera ez dutela axaletik ere aipatu. Ekoizpenaren azken kate-begiak ez gaitzala itsutu, laborari txikiek bakarrik bermatzen digute kalitatea (hots, torturatuak izan ez diren kabalen haragia erostea). Gainera, nola ikusiko zituzten haiek hainbeste izerdi eta maitasunez hezi zituzten kabalen sufrikario filmatuak? Haien lanaren heineko hiltegia da Maulek behar duena. Zuzendariak bi langile kanporatuz ez zuen afera konpondu; haien krudelkeria bezain deigarria baitzen eraginkortasunik gabeko tresneria.
news
argia-a258fb542489
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/anti-iritzia.html
Anti-iritzia
Irati Elorrieta
2016-04-17 00:00:00
Anti-iritzia Mezu bat jaso nuen, Kaixo Irati , goiburu pertsonalizatuarekin.(Irati maitea , idazten da alemanez mezu baten goiburuan). Abisu batekin hasten zen: "Aldez aurretik, mezu luzea da hau", eta berehala argitzen zen jende askori bidalitako elkartasun eskaria zela. Moviemento zinemakoek jende jatorra behar zuten tea eta galletak banatzen laguntzeko, gai polemiko baten inguruan jendeak esateko zuena entzuteko prestutasunaz gain, elkarrizketa giro bat sortzeko asmoz. Jarraian, emanaldi baten inguruan sortutako egoera "korapilatsu eta aldi berean absurdoa" esplikatzen zen. Aspalditik ezagutzen dut Alemaniako zinemarik zaharrena kudeatzen duen bikotea; haietako batekin ikasi nuen nik 35mm-ko filmak proiektatzen. Gainera, birritan egin dugu bertan Berlingo euskal zinemaldia, eta beraz, ez nintzen izan solidaritatea erakusteko agendan tartea egin zien euskaldun bakarra. Irakurle bizkorren batek pentsatuko zuen errefuxiatuen aldeko eta eskuin muturrekoen arteko liskarrarekin lotura izango duela auziak. Giza eskubideen aldekoen eta haien errefusatzaileen arteko talkarekin. Mugak zabaldu edo ixtearen arteko gatazka. Krisiari iraultza baten potentziala ikusten diotenak edo Mendebaldearen islamizazioaren aurkariak. Ez al da, bada, hori gai totala? Bai, bada. Eta Moviemento koak tea eta galletak banatzen? Ez, egoerak puntu absurdo bat zuela gogoratuko dugu. Laburpen batek eskatzen duen bezala, hainbat xehetasun bazter utziz: Israelgo zinemagile batek bere dokumentala estreinatzeko alokatu zuen areto handia. Shitstorma sarean, deiak zinemara, deiak sakelako pertsonaletara. Esanez: "Zinema antisemita bat zarete emanaldia bertan behera uzten ez baduzue". Deitzen zutenek ez zuten filma ikusia eta ez zuten ikusi nahi. Israelen okupazio politikarekiko kritikoa baita dokumentaleko protagonista, astero palestinarrekin batera manifestatzen den gaztea. Gainera zuzendariak Israelen kontrako boikotera deitzen duen talde aktibista (BDS) gonbidatu zuen estreinaldira (nahiz eta zinemako bi jabeak boikotaren kontrakoak izan). Zinemakoek ez zietenez mehatxuei men egin, manifestazioa deitu zuten Stop BDS- baldintzarik gabeko solidaritatea Israelekin lemapean. Baina nortzuk, galdetuko du irakurle bizkorrak? Adi: Anti-alemaniarrak bezala ezagutzen dira, Antifaxista Sionistak dute izen ofiziala eta ezkerraren talde pro-israeldarra dira. Ez zuten te edo galletarik nahi, nahiz eta hauek koscher izan (juduen sinesmenaren araberako jaki garbia). Koscher? , betaurreko beltzen atzean ezkutaturiko anti-alemaniar alemaniar peto batek, orduan bai ezetz! Baina ordurako kontramanifaren kontrako manifak (FOR Palestine taldeak espontaneoki deituak) harrapatu gintuen beste aldetik eta erdian galleta koscherrez betetako plater bati eusten egotea estrategia ergel askia bihurtu zitzaigun. Ez dakit noizbait saiatu izan zareten Euskal Herriko gatazka politikoa guretik at esplikatzen. Eta nolako emaitzak lortu izan dituzuen. Barruan dagoenak menperatzen ditu terminoak, argudioak, indar-harremanak. Kanpotik ikusita oso korapilatsua eta absurdoa bihurtzen da dena. Ez dakit zuek, ni behintzat, gai polemiko gehienetan kanpotar sentitzen naiz. Gero eta gehiago, gainera. Oso gauza gutxi dira, eta oso funtsezkoak, argi ditudanak. Ez dakit zer egiten dudan Iritzia atalean idazten.
news
argia-4ed16a3110d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/adiskide-bat-nuen.html
Adiskide bat nuen�
Xabier Etxaniz Erle
2016-04-17 00:00:00
Adiskide bat nuen� Arbolandi Jacques Goldstyn Ilustrazioak: Jacques Goldstyn Itzulpena: Aritz Galarraga Tramuntana, 2015 76 orrialde Oker ez banago hauxe da argitaletxe katalan honen bigarren lana euskaraz. Quebecen jaiotako idazle eta komikigile honen lanaren aurretik Montse Torrentsen Hari ikusezinak plazaratu zuten iaz. Alde horretatik pozgarria da kanpoko etxeek euskaraz ere argitaratzeari ekitea eta aberasgarria euskal merkatuan ikuspegi eta joera berriak ager daitezkeelako. Arbolandi hau ume txiki batek lehen pertsonan kontatzen duen istorioa dugu. Bizi bizi hasten den istorioa; orrialde bakoitzean egoera bat: "Arranopola! Eskularru bat galdu dut. Ez dut inon aurkitzen", eta ondorengo orrian: "Gauza galduen bulegoan nago. Ehunka eskularru daude. Larruzkoak, artilezkoak, beisbolean jokatzeko bat". Ohikoa denez, testua irudien bidez osatzen da; eta protagonistaren mezuez gain bere poza, harridura edo sumina jaso dezakegu irudien bitartez. Beste kolore bateko eskularrua janzten duenean bezala: aurpegia irribarre zabalez ageri zaigu. Baina zuhaitz batekin duen harremanari buruzko istorioa dugu hau; izenburuak berak adierazten duen bezala arbola handi batekin duen harremanaz. Mutiko bakartiak gustuko dituen gauzen artean "nire zuhaitzera igotzera dut maiteen" adieraziko digu. Eta hortxe hasten da zuhaitzarekin duen erlazioa kontatzen, zer egiten duen bertan, zer ikusi, zer sentitu… baita zuhaitzak egiten dituen gauzak ere, bere baitan jasotzen eta babesten dituen animaliak. Erlazio bitxia, benetan. Une batean Arbola eskuzabala hura gogora ekarri digun erlazioa; baina oraingoan oso bestelakoa da. Arbolandi azkar eta gustura irakurtzen den liburua dugu. Irudiek (Sempé handiaren antza hartu diogu batzuetan) irakurlearen –edo ikuslearen– irudimena bultzatzen dute, sinpletasunaren bidez asko komunikatzen dutelako. Testuak, aldiz, kontzeptuak, sentimenduak, ideiak, adierazten dizkigu oso hitz gutxiren bidez. Irakurleak, narratzailearen azalean sartuta, zuhaitzarekiko maitasuna bizi ahal izango du; nolako harremana duen mutikoak zuhaitzarekin, nola ikusten duen ingurua, bizitzen natura… eta hori guztia amaituko dela dirudi; udaberria iritsi eta "zuhaitz guztiak betetzen dira kimuz eta gero hostoz. (…) Zuhaitz guztiak Arbolandi izan ezik". Mutikoak zuhaitzarraren ondoan ikus dezakegu, hostorik gabeko arbolari begira, adar hutsetan den zuhaitzaren oinetan, txiki eta geldi, lagunari so. Askotan badakigu gure inguruko animalia bat edo bizidunen bat hitzen denean, baina noiz jakin zuhaitz bat hil dela? Noiz konturatzen gara hil egin dela? Eta une horretan, mutilak zerbait egitea erabakitzen du bere lagunarekin "tximiniarako egur, altzari edo zotz" bilakatu baino lehen. Bitxia, harrigarria eta hunkigarria da Arbolandi istorio hau. Euskal irakurleak, haur nahiz heldu izan, gozatzeko liburua.
news
argia-137ff9efb598
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/ustelak-erdi-ustel.html
Ustelak erdi ustel
Estitxu Garai Artetxe
2016-04-17 00:00:00
Ustelak erdi ustel Eguneroko sagar ustelak. Goizero egunkariaren aurrean gosaltzen ditugu kafe eta tostadarekin batera. Gaur Barcenas, bihar CAN, etzi Noos, FIFA Gate, De Miguel, Gurtel, Taula, ate birakariak, paradisu fiskalak… guztiak aipatzeko ez dira aski orrialde honek eskaintzen dizkidan karaktereak. Zerrenda luzea izanagatik, arazoa egiturazkoa dela ukatzeko ahalegin handiak egiten dituzte han eta hemen. Sagar horiek kenduta akabo arazoa, hori da sinestarazi nahi digutena. Baina saskia da ustel dagoena. Ez dira erauzi beharreko kasu isolatuak. Ez dira soilik alderdien barruan legez kontra aberastu diren pertsona bidegabeak. Egiteko modu bat da, alderdi politiko eta erakunde publikoetan ohikoa izan den egiteko modua. Berdintsu gertatzen da paradisu fiskalekin, zergak ez ordaintzeko antolatutako sareak dira, erakunde edo enpresari zehatzen iruzurretik harago doazenak. Ustelaren eta ustelkeriaren infrentzuan kudeatzailea eta kudeaketa-eredua daude. Militante oso zintzoak ezagutzen ditugu, politika jendarte justuagoa eraikitzeko tresna gisa ulertzen dutenak. Guztiak zaku berean sartuta kudeaketarako modu alternatiborik ez dagoela pentsatzera eraman nahi gaituzte Espainiako Estatuko estamentu guztiek hezurretarainoko kiratsa dute aspalditik. Ez da kasualitatea barne-kohesioa mantentzeko estatu-gai izan diren Nafarroa eta Valentzian orain arte egon den neurriz kanpoko inpunitatea. Alta, urteetako isiltasunaren ostean, tropelean ari dira agertzen orain kasu guztiak. Hainbeste, ezen leherketa programatuaren itxura ere baduten. Estatua jausi aurretik hobe birmoldatzea. Gogoan izan dezagun Juan Carlos erregearen abdikazio espresa. Irudi lezake ustelkeria-uholde honek jendartearen samindura eragin eta arazoa konpontze bidean jarriko duela, baina orain arteko zenbait sintoma oso bestelakoak dira. Batetik, egunez egun hainbeste kasu ikusteak nolabaiteko txerto-efektua ekarri du, etsipenaren poderioz albiste larriena ere normaltasunaren barruan jasotzen dugu. Bestetik, ustelkeriaz lepo dauden alderdiek orokortzera jo dute: "Alderdi guztietan dago ustelkeria" eta "politikari guztiak dira berdinak" lelopean. Eta ez da egia. Ustelaren eta ustelkeriaren ifrentzuan kudeatzailea eta kudeaketa-eredua daude. Militante oso zintzoak ezagutzen ditugu, politika jendarte justuagoa eraikitzeko tresna gisa ulertzen dutenak. Guztiak zaku berean sartuta kudeaketarako modu alternatiborik ez dagoela pentsatzera eraman nahi gaituzte.  Ezin dugu ahaztu ustelkeria kapitalismo neoliberalaren gaitz endemikoa ere badela. Fokua asko bideratzen da ustelengana eta gutxi usteltzaileengana. Enpresen eta kapitalen arteko gupida gabeko lehian, irabaziak handitzeko zirrikitu guztiak baliatzen dira, erabaki guneetan dauden kargu publikoengan eragitea barne. Gaur egun botere politikoa eurotan zenbatzen da. Horren zantzuak ikusteko ez dago urrutira joan beharrik, guztiok ezagutzen dugu inguruko udaletan egindako amarru bat edo beste, direla entxufeak, lurren birkalifikatzeak edo adiskidekeriaz egindako lizitazio publikoak. Hartara, ustelkeriari aurre egiteko administrazio publikoaren kontrola eta gardentasuna areagotzeaz gain, enpresen demokratizazioa ere funtsezkoa izango litzateke. Gardentasun hori enpresa munduari ere exijitu behar zaio. Langileek kudeaketan parte-hartze aktiboa izatea izan daiteke horretarako bide bat, ondo funtzionatzen duten kooperatiben gisara. Bi aldeetan kontrol zorrotzagoa ezarri ezean, gurpilak norabide berean jarraituko du biraka, eta lantzean behin herri xeheari "kasu" bat emango digute, ustelek dagokiena ordaintzen dutela itxurak egiteko unean uneko petzeroa. Elite politiko eta ekonomikoen kezka ez baita sistema ustela izatea, hain ondo doakien sistema usteltzea eta zalantzan jartzea baizik.
news
argia-f075bdc7eb0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/apaiziartza-kolektiboari-erasoak.html
Oztopoak oztopo, baratzea bizitzeko hautuan tinko
Garazi Zabaleta
2016-04-17 00:00:00
Oztopoak oztopo, baratzea bizitzeko hautuan tinko 2011n jarri zuen martxan Apaiziartza Kolektiboak Gaintxurizketako (Lezo) baratzeen proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiarena zen baserria eta inguruko lurrak erabiltzen hasi ziren, tokia artzaintzarako erabiltzen zuten artzainekin adostasuna lortu eta gero. "Erabilpenik gabeko gunea nekazaritza lanetarako berreskuratu genuen", diote partaideek. Nekez pentsatuko zuten urte batzuk geroago izanen zuten oztopo nagusia auzokide bat izanen zenik: martxoaren 17an prentsaurrekoa eman zuten kolektiboko kideek, auzokidearengandik jasaten ari diren erasoak salatzeko eta Lurraren Orena proiektuaren emaitza onen berri emateko. Proiektuak bi urte martxan zeramatzanean hasi ziren bizilagunaren etengabeko erasoak: "Untxiak sartu zizkigun baratze ekologikoetara landaketa guztiak suntsituz, argia eta kontagailuaren kableak moztu dizkigu askotan eta teilatua izorratzen ari zaigu berarenetik erortzen zaion uraren ondorioz". Azkenaldian jendea erasotzeari ekin diola ere salatu zuten: autoetako gurpilak zulatzea, mehatxuak edota irain sexistak ohiko bihurtu dira baserriko kideentzat.   Zerotik abiatutako proiektua "2011ko hastapenean 20 saski banatzen genituen inguruko kontsumo taldeetan, 2.500 metro koadro lantzen genituen eta bi nekazari soilik ginen. Egun, berriz, 100 familia elikatzen ditugu saskiekin, 12.000 metro koadro lantzen ditugu eta bost nekazari gara". Emaitzek argi erakusten dute ia baliabiderik gabe hasitako proiektu hura osasun ezin hobean dagoela gaur egun. Eta hori lortzeko auzolana, elkar laguntza eta autogestioa izan dituzte ardatz kideek: "Egungo gizarte eredu kapitalistatik urruntzeko borondatez, lurra herritar guztien ondarea dela aldarrikatu eta hura defendatzea da gure helburua". Aldarrikapen horiek nekazaritza ekologikoaren eta elikadura burujabetzaren bidetik egiten dituzte eta oztopoak oztopo, kideek argi adierazi zuten beren hautua: "Pertsona guztientzako bizitza duin baten alde eta lurraren zaintzaren eta errespetuaren alde borrokan jarraituko dugu".
news
argia-5b62a5df0f96
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/manex-agirre-zuiako-kuadrillako-euskara-teknikaria.html
"Jendea benetan aktibatzen has dadila eskatuko nioke Jaurlaritzari"
Miel Anjel Elustondo
2016-04-17 00:00:00
"Jendea benetan aktibatzen has dadila eskatuko nioke Jaurlaritzari" Sei udalerri ditu ardurapeko Manex Agirre (Aramaio, 1982) euskara teknikariak: Aramaio, Legutio, Arratzua-Ubarrundia, Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz. Sei entitateon barne, ordea, hainbat udal, administrazio-batzar eta kontzeju biltzen dira guztiz sakabanaturik eta, ondorioz, 8.500 biztanleren dispertsioa da –hizkuntzaren normalizazioak berezkoak dituen korapiloez gainera– lanerako duen oztoporik nagusienetakoa. Arabako kuadrilla guztiek dute euskara teknikaria. Kuadrillako langile zarete, nahiz eta Arabako Diputazioaren urtean urteko diru-laguntzaren gorabeheran bizi zareten, kinkan. Hori ahazten saiatzen gara. Gaur egun, Arabako Diputazioaren proiektu politikoari lotuta dago herrialdeko euskara teknikarien sarea. Ezegonkortasun handia bizi izan dugu. Diputazioko alderdi politikoaren kolorea aldatu zenetik lasaiago bizi gara, baina sareari eusteko sistema ez da aldatu. Egonkortu gura dutela diote, baina hor gara oraindik. Norentzat ari zarete lanean euskara teknikariok? Geure kuadrillarentzat. Hala ere, kuadrillarik kuadrilla, baliabide pertsonalak ezberdinak dira, egoera soziolinguistikoak ere bai, eta diputazioa dugu koordinazio gunea, Euskara foru zerbitzua. Bestalde, diputazioaren aurrean kuadrilletan euskararen normalizazioaren alde lanean ari den jendearen bozeramaile papera ere hartu dugu. Geu goaz diputazioari gauza eske, presioa egiten diogu. "Euskara zerbitzuak ditugu, baina solaskide kupuru antolaturik ez udalerrian" Instituzioen kontzientzia zuritzaile zaituztegu euskara zerbitzu eta teknikariak? Kontzientzia zuritzea zailtzen saiatzen gara, bai instituzioei, bai gizarte eragileei ere. "Hor zaudete zuek, ari zarete lanean, zertan jardungo dugu guk?" dio zenbait euskara elkartek, eta egia esan, barruan daukadan arantza da hori. Saihestezina zen gertatzea, baina pena ematen dit, eta horren kontra borroka egingo dut, zeren euskara zerbitzu indartsu batek ezinbestekoa du herri mugimendu indartsua; ardatz batek bestea falta badu, ez du funtzionatuko. Nahiago nuke herri mugimendu indartsu bat, erakunde publikoetan figura espezifiko bat egon baino. Gizarte osoaren kontua da euskararen normalizazioa, badakigu nork egiten duen benetako lana. Saihestezina zela diozu. Jendea nekatuta zegoen, eta asko, erreta, euskararen sustapena beti borroka baten barruan kokatzen nekatuta. Adibidez, askok esan didate euskara zerbitzua sortu denetik udalek hartu dituztela beren gain lehen euskara elkarteak egiten zituen lanak. Ondorioz, arnasa hartu du euskara elkarteak, baina baita hustu ere, elkartea zintzilik eta funtziorik gabe geratu delako. Eta, paradoxa!, orain, gizartea aktibatzeko beharra sentitzen dugu udaletako euskara zerbitzuok. Erakunde publikoak eta gizarte mugimenduak elkar presionatzen, tentsioan ikusi ditugu urteetan. Orain, aldiz, landa eremuko udalerrietan batez ere –Gasteizen bestela funtzionatzen baita–, horixe falta da: presioa, tentsio neurri hori. Euskara zerbitzuak ditugu, baina solaskide kopuru antolaturik ez udalerrian. Gasteizen bestela funtzionatzen da, Arabako gizartearen ehuneko oso handia bertan delako. Bai. Araban hiri bakarra dugu, Gasteiz, eta balantza guztiz desorekatua dago populazio eta baliabide aldetik. Are gehiago, Gasteizko Udalaren eta Arabako Diputazioaren pisu espezifikoak parean daude, boteregune moduan. Argi ikusten da euskara normalizazio kontuetan. Badugu Gasteizko Udalaren euskara zerbitzuarekin harremana, baina programa partekatuak antolatzeko zailtasunak handiak dira: 8.000 herritarreko gune geografiko zabala xede talde modura hartzea, edo Gasteiz moduko "gauza" bat, auzoz auzoko gizarte etxeen egitura indartsu hori duela… Nola partekatu programak? "Gaur egun, besterik gabe euskaltzale den gazte gutxi dago" Sei kuadrilla Araban, egoera soziolinguistiko ezberdinak dituztenak. Hala ere, usteko nuen oinarri soziolinguistiko bertsua dutela 30 urtetik beherako biztanleei dagokienez. Berdintzen ari da, baina oraindik asko falta da bertsua izan dadin. Hezkuntzatik datorren jende olde hori da guretzat material erabilgarriena, Zuiako kuadrillan, Gesaltzan, Errioxan, Agurainen eta leku guztietan. Baina Arabako gizartea egoera horri zelan erantzun asmatu ezinik dabil, jende olde horri eman behar zaion erantzuna ezberdina baita batean eta bestean. Nahiz eta ondorengo belaunaldietan euskara berdintzera datorren, euskarak gizartean duen permeabilitatea diferentea da. Murgian, gazteei zuzendutako afixak euskara hutsean jarri izan dira, eta xede taldearen eta jardueraren arabera, baita beste zenbait iragarki ere, adin mugarik ez duten jarduerak iragartzen dituztenak. Orain dela hamar urte, Zigoitia batean, kirol jarduera halako bat antolatzen zuenak pentsatu ere ez luke egingo hura zein hizkuntzatan egin behar zen. Gaur egun, bai. Besterik da zelan planteatzen diren gauzak hasieratik, eta zein bide egiten duen planteamendu horrek gero.  Euskara teknikariak egin lezake ahalegina, planteamendu eta proposamena, baina prozesu osoaren jarraipena egitera ez da iristen. Zure oztopo nagusiak dira hedadura geografikoa eta jendearen dispertsioa. Gure kasuan, kontua ez da euskararen normalizazioa, gizarte antolamendua baino. Gizarte antolamendurik ez bada, erreferentzia gunerik ez bada, gure lana kasik ezinezkoa bihurtzen da. Euskara zerbitzuen lan intentsiboan sinesten dut: hartu gune geografiko eta jende mugatu bat, eta lan intentsiboa egin bertan. Gure betiko helburua izan da kuadrilla osoarentzako jarduerak antolatzea, Aramaiotik hasi Urkabustaizeraino, denak euskararen inguruan biltzeko moduko zer edo zer antolatzea, baina horrek ez dauka zentzurik. Eta kostatu zaigu horretaz jabetzea! Oso eskualde zabala da, eta eskualde horretako biztanleek mugitzeko eta bizitzeko modu jakin bat dute. Gure lana izan beharko litzateke jendeak duen mugitzeko eta bizitzeko modu jakin horretan muturra sartzea, eta linguistikoki aldatzen saiatzea. Baina une honetan ez dugu nahikoa baliabide horretarako. Oso zaila da. Sostengu taldeak antolatzen hasi beharko zenukete. Astean zehar lau udaletxe zapaltzen ditut, lau bulego ditut… Garrantzizkoa da, oso, lekuan-lekuan euskalgintza egitura gutxieneko bat izatea, gustura lan egingo duena, erakunde publikoekin elkarlanean, baina, aldi berean, tentsionatzaile lanari utzi gabe: "Hau ez da gauzatu. Euskara plana onartu zen, baina ez da bete. Halakok ez du hizkuntza irizpiderik bete…". "Zelan jakin zer zuntz ukitu behar diozun bakoitzari, barruko euskaltzalea aktibatzeko?" Zertarako balio dute euskararen plan estrategikoek? Artxiboak planez beteta daudela irakurri dizut Arabako euskalgintza: kapital publikotik hiztun komunitaterantz (Jakin, 206) artikuluan. Erakunde batek prentsaurrekoa egiten duenean ondoko lau urteetarako euskara plan estrategikoa onartu duela esanez, horrek gizartearen aurrean duen balioa guztiz debaluatuta dago. Gero eta kontzienteago naiz horretaz. Prentsaurreko horrek ez dauka, komunikazio ekintza den aldetik, batere probetxurik, ez dio herritarrari ezer esaten. Aldiz, planen arabera funtzionatu dugu euskara teknikariok, eta planen arabera funtzionarazi dugu inguruko jendea. Gure euskara batzordeak euskararen jarraipenerako batzordeak izan dira, baina horrela ez da jendea aktibatzea lortzen, desaktibatzea baizik. Power pointak, euskara planaren betetze mailak eta inkestak… guztiz metodologia teknikoak dira, ezinbestekoak euskara teknikariarentzat, baina ez herritarrarentzat: herritarrak besterik behar du, bileretara etorri, pozik lan egin, lagundu… Aktibazioa oso gauza konplikatua da. Zelan jakin zer zuntz ukitu behar diozun bakoitzari, barruko euskaltzalea aktibatzeko? Gauza zaila, inondik ere, aktibazioa. Hainbeste plan, metodologia eta jarduera… hitz egiten da gizartearen aktibazioaz? Gutxi. Oraintxe hasi da kontzeptu hori saltsa apur bat eragiten. Historikoki, jende euskaltzalea patroi bat bakarrarekin neurtu izan dugu. Jendea aurkezteko modua egin dugu: "euskaltzalea". Zenbait gune soziolinguistikotan euskararekiko militantzia bizi izan du askok, euskaltzaletasunetik jo dute beste zenbait ekintza gauzatzera. Horixe dugu historia, eta inoiz ez diogu jende horri behar beste eskertuko egindako lana. Baina "euskaltzalea" adin batetik gorako jendea da. Gaur egun, besterik gabe euskaltzale den gazte gutxi dago. Euskaltzale ez ezik, besteren "zale" ere badira gazteok. Nork hartu behar du lidergoa? Norena da ardura? Galderak ez dauka erantzun errazik… Buruan dabilkidana esango dut nik: asko sinplifikatuta esanda, euskararen normalizazio lanetan dabiltzan bi ardatz nagusiak hartuz gero –gizarte mugimenduak eta erakunde publikoak–, biek dute jendea aktibatzeko gaitasuna, nork bere modura. Hortaz, epe luzera, benetako lidergo partekatua hartuko nuke nik helburu. Gizarte mugimenduak gizarte antolatua dira, eta gaurko egunean, gizarte sektore batzuentzat egitura horiek dute sinesgarritasunik handiena. Baina horixe dute muga: "gizarte sektore batzuentzat" balio dute, irisgarritasun mugatukoak dira; alegia, sektore jakin horietatik kanpo gizarte zati handi bat dago, haiek existitzen direla ere ez dakiena. Zeinek du gizarteari osorik iristeko gaitasuna? Erakunde publikoek: Jaurlaritzak eta diputazioek. Baina hauek ere, Jaurlaritzaz ari naiz orain, bestelako lidergo bat landu behar dute: ez zait iruditzen mezu egokiak ematen dituenik, ezta kanal egokiak erabiltzen dituenik ere. Zer esan nahi duzu? Uste dut urteetako autolanketa egin beharko lukeela Autonomia Erkidegoko erakunde publiko nagusiak. Aktibazioari dagokionez, Jaurlaritzari eskatuko nioke, adibidez, kanpaina orokor eta mezu espantsiboen bidea utzi eta lan intentsiboetan indarrak jartzea. Lan handia da, baliabideak ere mugatuak dira, baina jendea benetan aktibatzen has dadila eskatuko nioke Jaurlaritzari. Hedadura aldetik, botere publikoek dute baliabiderik handiena: egin dezala aktibatze lana gizarte mugimenduekin batera, eta, epe luzera, har dezala protagonismoa gizarteak berak, erakunde publikoak bigarren mailan geratuta, gizarteari laguntzen eta sostengua ematen. Historikoki kontrakoa egin du.
news
argia-db2302d6c45a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/erdi-aroan-jarri-zieten-mamuei-izara-zuria-2.html
Erdi Aroan jarri zieten mamuei izara zuria
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-04-17 00:00:00
Erdi Aroan jarri zieten mamuei izara zuria Hildakoen arimak askotariko itxura hartu du historian zehar, baina Erdi Aroaren amaieran, nagusiki XIII. mendetik aurrera, uste zuten hildakoek ehorztean zuten itxura izango zutela mamuek. Soinean zeramana ere atxikitzen omen zuen espirituak eta, horregatik, fantasmak hil-oihalak estalita irudikatzen hasi ziren.   Oihalaz gain, bakerik lortzen ez zuten espirituei kateak ere jarri zizkieten, lurreko bizitzarekin zuten lotura sinbolizatzeko. Defuntuak bete gabe utzitako zereginek ez zioten hil ondorengo atsedena lortzen uzten, eta mundu honen eta bestearen artean harrapatuta, katez lotuta, geratzen zen.
news
argia-e3d09dd64530
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/itoitz-debekatuta-ahaztea.html
Itoitz: debekatuta ahaztea
Urko Apaolaza Avila
2016-04-17 00:00:00
Itoitz: debekatuta ahaztea 1996ko apirilaren 6an Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kidek urtegiko obren kableak moztu eta presaren eraikuntza hainbat hilabetez gerarazi zuten. 20 urteren ondoren zero gunera itzuli gara. Ez zen lehen aldia ekintza zuzen baketsu bidez epaitegiak ilegal deklaratutako urtegiaren obrak eteten zituztela, ezta azkena izango ere –bi urte geroago 34 makina izorratu zituzten bi solidario k–; baina seguruenik presako hormigoia garraiatzeko kable handi horiek moztea izan zen garrantzitsu eta mediatikoena. Zortzi lagun kondenatu zituzten 4 urte eta hamar hilabeteko kartzelara eta horietako hiruk espetxean amaitu zuten: "Bitxia da, zaindaria lau minutuz atxikitzeagatik kartzela gehiago izan genuen Segundo Marey bahitu eta torturatu zuten GALekoek baino", dio solidario etako batek Ahotsa.info hedabideak 20. urteurrenerako berariaz eginiko bideoan.  Itoizko urtegiaren kontrako borroka askoz lehenago hasi zen. 1985ean proiektua jakinarazi zutenetik Agoitz eta inguruko herrietan mobilizazioak eta oposizio jardunaldiak antolatu zituzten; Agoizko etxeetan orduko argazki zaharrak aurki daitezke han eta hemen, herriko kaleak jendez lepo eta Gure lurra defenda dezagun zioten pankartez josita. Pixkanaka, Pirinioetako bazter horretako herritarren aldarria Euskal Herriko eta haragoko kontzientzia ekologistaren akuilu bilakatu zen, diruzalekeriaren eta zentzugabekeriaren kontrako sinbolo. Hamarkadotako ibilbideak utzitako zauriak ugariak dira. Agoitzen, urtegiaren aldeko –izan bai baitzeuden– eta aurkakoen arteko harremanak apurtuta, natur ondarea eta hainbaten bizitokia galdurik, herri bat zorrek eta krisiak itota, hondamendia izateko eguneroko beldurra… Zero gunean asfaltoa eta beldarrak Artzibarrera zihoan kamino zaharra moztuta dago Agoitz herria utzi eta kilometro gutxira. Gerra egoeran dagoen eremua dirudi: arriskuaz ohartarazten duten kartelak eta hesiak nonahi ageri dira. Urtegia betetzeko lehenengo probak 2004an hasi ziren eta geroztik zientoka lurrikara izan dira inguruan, batzuk ia 5 gradukoak Richter eskalan. Badira hiru urte baino gehiago Ebroko Konfederazio Hidrografikoak presaraino iristen den errepidea itxi zuela, ondoko mendi mazelan 4.000 metro kuboko luizia izan ondoren. Asfaltoa pinudietako beldar ilarentzako igaroleku baino ez da orain, administrazioak berriz zabaltzeko asmoa azaldu duen arren, "turismoarentzako" interesa duelakoan. Presa nagusia Irati ibaiaren gainean dago, eta 135 metroko altuera eta 525 metroko zabalera du; haren gibelean bi ibar eta zazpi herri geratu dira urpean. Nafarroako urtegi handiena da Itoizkoa, 586 hektometro kubo ur biltzeko gaitasuna dauka. Hastapeneko helburu ofiziala Nafarroako zonalde "lehorretako" nekazal guneak urez hornitzea zen, txorrotarako eta industriarako ere bai. Horretarako Nafarroako ubidea diseinatu zuten, 177 kilometroko azpiegitura. Pixkana, Pirinioetako bazter horretako herritarren aldarria Euskal Herriko eta haragoko kontzientzia ekologistaren ikur bilakatu zen Ubidearen lehen fasea egina dago –Itoitzetik Pitillaseraino–, eta horren hedapena eraikitzen ari dira orain. Baina bistakoa da zor publikoa egiteko zuloa dela, batez ere gobernu aldaketarekin agerian geratu direnetik azpiegitura kudeatzen duen CANASA sozietatearen kontuak: diru-sarrerak eskas eta uste baino 100 milioi euro gehiago behar. Iruñerrriko Mankomunitateak 48 aldiz garestiago ordaintzen du ubideko ura, Koldo Amezketa EH Bilduko parlamentariak berrikitan salatu duenez. Nekazaritzara emana dauden zenbait herritan –Lerin kasu– uko egin diote ubidea erabiltzeari eta ureztatze tradizionalaren hautua egin dute.    Ablitasen amaituko litzatekeen ubidearen bigarren fasea oso zalantzan dago momentu honetan, UPNk Erriberako ur-hornidura oposizioa egiteko ikurtzat hartu duela ere. Sustrai Eraikuntza fundazioak ilegalitate ugari aurkitu dizkio eta Uraren Kultura Berria elkarteak duela hilabete argitaraturiko txosten batek argi utzi du Tuteraldean historikoki erabili diren ureztatze iturriak nahikoa eta soberan direla bertako nekazarien eskaria asetzeko, ez dela ubidearen beharrik alegia. Uraren eta natur baliabideen pribatizazio klabeetan eta agro-industria kutsatzailearen mesedetan pentsatutako proiektua da honakoa. Agoitzen badute beste arrazoi bat Itoizko urtegia betiko husteko borrokarekin jarraitzeko, duela 20 urte bezala.
news
argia-402c47cddeda
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/sustraiak-berritzen.html
Sustraiak berritzen
Joxi Ubeda Goikoetxea
2016-04-17 00:00:00
Sustraiak berritzen Neguaren ostean Mikel Uraken Auto-ekoizpena, 2015 Mikel Urakenek ahotsa eta gitarra bakarrik erabili ditu bere azken lana grabatzeko, zazpi kantuz osaturiko binilozko diskoa. Kantu gordinak eta hunkigarriak jotzen ditu, gitarrarekin marrazki ederrak egiten ditu, eta zintzotasunez abesten du, bihotzetik. Bere kantuetan samina, ezintasuna eta etsipena sumatzen dira. "Bihotzetik bai, baina batez ere, erraietatik abesten dut. Nik uste dut norberaren bizipenek baldintzatzen gaituztela gure eguneroko bizitzan. Nire kasuan, bizipen horiek erabiltzen ditut abiapuntu bezala sormen lanak egiteko. Gordintasuna zerbait erakargarri bihurtu nahi dut. Lanaren emaitza zintzoa izateko, lotuta egon behar da norberaren izaerarekin". Bere kantuak euskal folkaren sustraietan errotuta daude, baina hortik abiatuta bide berriak aurkitzen saiatu da, enbor bereko beste adar batzuk. "Zintzotasun osoz, herri honen sustraiekin konektatzen saiatu naizela esan dezaket. Era berean, nire izaera pertsonalaren ezaugarriak (euskaldun berria naiz eta ikuspegi musikal ipurterrea daukat) gehitu dira, eta Neguaren ostean horren emaitza da. Beraz, ni eta nire ingurukoaren batuketa dela esan dezakegu. Alde batetik, disko hau euskal kulturari eskaini nahi izan diodan ekarpen xume bezala erditu dut, eta bestetik, euskaldun berrion ahalduntzea ere islatu nahi izan dut". Mikel Urakenek berak sortu ditu doinuak, eta hitzak idazteko Mikel Vegaren laguntza izan du. Grabazioa 2015eko uztailean egin zuen Andoaingo Garate estudioan. Soinu teknikaria Kaki Arkarazo izan da, eta ekoizlea Javi Letamendia. Diseinua eta argazkiak Asier Garcia Azkuek egin ditu. Diskoa bere kabuz argitaratu du. Do it yourself (zuk zeuk egin ezazu) pentsaera erabat barneratuta daukadanez ez zitzaidan beste era batez aritzea bururatu. Auto-ekoizpena ekonomikoki arriskutsua izan daiteke, baina diskoaren banaketa kontrolatu ahal izatea, arazoa baino luxu bat da". Mikel Uraken Bilboko Santutxu auzokoa da. Duela hamar bat urte Loan metal taldean jotzen hasi zen, eta ondoren Folk songs for tormented souls (2013) eta Omenaldi xumeak (2014) lanak plazaratu zituen, Neguaren ostean diskoa osatu aurretik.
news
argia-caf3d2362fcd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/gaizka-aranguren-kazetaria.html
"Ondare immaterialak kultur eta landa turismoari izugarrizko balio erantsia ematen dio"
Reyes Ilintxeta
2016-04-17 00:00:00
"Ondare immaterialak kultur eta landa turismoari izugarrizko balio erantsia ematen dio" Ukitu ezin den ondarea biltzen eta munduari berriz aurkezten saiatzen da Gaizka Aranguren komunikatzaile iruindarra. Gure altxor ukiezin guztien artean, handiena euskara. Arrantzale amorratua zarela entzun dut. Bai. Pirinio aldeko erreka txikitxoetan ibiltzen naiz amuarrainen bila. Euskarak bezala arrantzak hiru eremu ditu Nafarroa Garaian: eskualde salmonikola (mendi aldea), eskualde mistoa eta eskualde ziprinikola (erdialdeko eta Erriberako eremua). Lehenbizikoan amuarraina da nagusi. Arrain honen bizi-eremua Nafarroa Garaian euskararena bezalakoa da, nolabait. Bestalde, amuarraina gainbehera ikaragarrian dator, seguruena aldaketa klimatikoarengatik. Ibaiko uraren batez besteko tenperatura gradu bat igotzen bada, amuarrainek kilometro bat gora egiten omen dute ibai horretan, ur fresko eta oxigenatuagoaren bila. Horregatik desagertuz doaz ipar hemisferio osoan. Horretan ere parekotasuna euskararekin? Bai, bada. "Euskararen amuarraintasuna". Hori izan liteke titulu on bat. Zu ere San Fermin ikastolako kumea? Han ikasi nuen. Orain batzuek erraten duten bezala San Fermin-lobby horren garaikoa, baina lobby horretakoa izan gabe. Ondoren Irubide institutuan egin nuen UBI eta gero kazetaritza ikastera joan nintzen Leioara. Amaitzean, Europar Ikasketak diplomatura berria egin nuen. Nik neure burua beti oso europartzat jo izan dut. Europa proiektu politiko gisa oso xede interesgarria iruditu izan zait beti, baina ez, noski, eraikitzen ari zen, eta orain deseraikitzen ari den, eredu hori. Euskaldunok aukera aparta dugu gure izaera politiko europarra aldarrikatzeko. Europako indigenak gara eta ekarpen handia egin dezakegulakoan nago. Europar indigenismoaren ideiak badu bere puntutxo erakargarria, komunikazio mailan ere bai. EiTBn abiatu zen zure lan jarduera. Kartzelak eten zuen zure kazetari jarduera. Hasieran Euskadi Irratian ibili nintzen ordezkapenak egiten, Kazetaritzako lehenengo maila bukatu bezain laster. Tarteka egoitza guztietan ibili nintzen. Bai bi irratietan, bai telebistan. Baionara joatekotan egon nintzen, baita Bruselara ere. Garai hartan intsumisioa pil-pilean zegoen. Nik ez nuen soldaduska inondik inora egin nahi eta intsumitu egin nintzen. Mugimendu hartan buru-belarri sartu nintzen eta kartzelaldiak telebistan nire lan jarduera eten egin zuen. Hasieran bospasei hilabete egon nintzen hirugarren graduan, kartzelara lotara baino joaten ez nintzela. Gero planto egitea erabaki genuen eta orduan 2. graduan sartu gintuzten. Bertze urte eta erdi luze egin nuen barruan.  Zer eman dizu esperientzia horrek? Askotan erran dugu ez genuela irabazi, antimilitaristak ginelako eta armadek hor jarraitzen dutelako. Egia da, baina intsumisioaren berehalako helburua soldaduskarekin amaitzea zen eta lortu genuen. Garaipena izan zen, baina herri honetan askotan gertatzen zaigu asmo abstraktu eta eraldatzaileetan gabiltzan masa kritiko horretako partaideok inoiz ez dugula jakiten noiz irabazi dugun, eta ondorioz ez diogu garaipenari dagokion zukua ateratzen. Irabazi dugula ohartzen garenerako kapitalizatzeko aukera galdu dugu, eta horri buelta eman behar diogu. Garai hartan, beldurrari aurre eginez, koherente jokatu izatetik badator nire zoriontasunaren parte bat. Horrek ematen dit indarra gaur egun desobedientzia zibil ez bortitzaren ildotik egiten diren ekimenetan sinesteko. Ez da gauza bera 20 urte izatea edo 50, baina orain, haurrak hazi ondoren, gogoz ikusten dut bide hori berriro. Duela gutxi, hemen, Nabarrerian egin zen Herri Harresian parte hartzeko aukera izan nuen eta grinatsu aritu nintzen.  Aurkezle guapo fama zenuen, baina errebeldearena ere bai. Zer dela eta? Garaiagatik, lekuagatik, komunikabidearen eraginarengatik… kontrol handia bizi izan nuen. Desadostasun politiko eta linguistikoak izan ziren gehienbat egoeraren sorburua. Ikastolako umea naiz, nire gurasoek ez zekiten euskaraz, batua da nire euskalkia, baina betidanik teorian Iruñean erabiltzen ziren moldeetara jotzeko joera izan dut, beste hainbatek bezala. Horregatik beti erran izan dut idazkeran Aingeru Epaltzaren jarraitzailea naizela, adibidez, eta hori debekatuta zegoen ETBn. Ezin nuen "bertze" edo "erran" erabili, adibidez, eta nagusiak erran zidan zalantzarik izanez gero gipuzkerarat jo behar nuela. Noski, nik ez nuen batere zalantzarik horren inguruan! Zorionez, nik uste dut gai hori EiTBk aspaldi ildo onetik gainditua duela. Horrekin batera, Nafarroa Garaiarekiko eta Iparraldearekiko begirune falta ikaragarria sumatzen nuen. Baten batek ohartarazi zidan telebista EAEko biztanleek ordaintzen zutela. Ulertu nuen mezua. Ez omen zen Euskal Herriarendako telebista. Kartzelatik ateratzean ETBko ateak itxirik? Bai, eta Pamplona TV-n aurkeztu nuen neure burua. Une horretan Nafarroa Garaia osoan emitituko zuen Canal 4 ari ziren antolatzen eta hilabete gutxi batzuen buruan albistegietako arduraduna nintzen. Hiru bat urte egin nituen. Talka handiak izan nituen hor ere. Telebistako administrazio kontseiluan akzioen %51 zeukan enpresari batek mantentzen ninduen ni motibo profesionalengatik, ez ideologikoengatik, eta beste guztiak UPNko komisarioak ziren. Presio handiak izan nituen lazo urdina jartzeko edo Miguel Angel Blanco hil zutenean Sanferminetako zapi gorria kentzeko… Orduan, Euskaldunon Egunkaria -ra egin nuen salto. Gogorra egin zitzaidan egunero Andoainera joan-etorrian ibiltzea eta sei hilabete pasata iragarki bat ikusi nuen. Abeltzaintzako enpresa batek kudeatzailea behar zuen eta euskara ezinbestekoa zela zioen. Albaitaritza enpresa zen. Dena ikasi behar izan nuen abeltzaintzaz, ez nekielako ezer, baina eskarmentua nuen lantaldeak antolatzen eta komunikazioa lantzen, bai enpresa barruan baita kanpora begira ere, eta oso gustura aritu nintzen. Albaitaritza aldizkaria egiten hasi ginen eta gaur egun Labriten egiten jarraitzen dugu. 7.000 abeltzainek jasotzen dute Estatu Espainiarrean. 36 orrialde ditu koloretan, hornitzaile eta laborategietako ekarpenekin finantzatua. Oso enpresa interesgarria da eta ezagutu nituenetik abeltzainak biziki maite ditut. Horren hiritarra bihurtu den gure gizartean ez gara ohartzen zein punturaino egiten duten lan abeltzainek gure ametsetako landa eremuak horrela egon daitezen. Hiritarrok tasa berezi bat ordaindu beharko genieke landa eremuan bizi direnei gure lorezainak izateagatik. Zergatik aritu zinen Nabarralderen sorreran? Proiektuaren sorreran parte hartzeko deitu zidaten eta bere helburuekin bat nentorrelako sartu nintzen. Helburua zen mahai gainean jartzea euskal imaginarioaren zenbait erreferentek garai bateko egituraketa juridiko-politikoarekin zerikusia badaukatela. Ikuspegi historikotik eta juridikotik. Hori da garai bateko euskaroek, Arturo Kanpionek eta horiek guztiek landu zuten diskurtso ildoa, kulturala eta ideologikoa, baina politikoa izatera iritsi ez zena. Bizkaitarrismoak, ordea, aranismoak, lortu zuen. Intelektualki eta historiografiaren aldetik hain landua ez izan arren, gaitasun handia izan zuen politikoki aurrera ateratzeko. Horregatik, abertzaletasunak aranismotik edaten du gehienbat. Nabarralde horri nolabait aitzin egiteko sortu zen, ez ezer ukatzeko baina bai ohartarazteko soilik aranismotik ez dela edan behar. Ez dela nahikoa denok bat egin ahal izateko, eta hori da errealitatea erakusten ari dena. Bertzelako erreferenteak ekarrita eta ikuspegia aberastuta, orduan bai egin daitekeela euskal proiektu nazionala. Nik horretan sinesten dut. Euskal Herriaren ikuspegi nabarra, bi zentzuetan, aldarrikatu behar da. Aranismoak berdismoa eta Atlantizismoa aldarrikatzen ditu, baina lurraldearen %60 ez da berdea, urte sasoi gehienetan behintzat. Nafarroa Bizirik ekimeneko partaide ere izan zara. UPNkoen amesgaiztoa izan da? Argi dago kontraesan aunitz sortzen dizkiela. Nafarroa Bizirik bezalako ekimenek agerian uzten dute behin eta berriro haiek aurretik ezartzen duten ustezko nafar banderan pixka bat igurtziz gero, berehala gualdo kolorea ateratzen dela erdian. Nafarroa Bizirik Eugenio Arraizaren ideia izan zen. Konkistaren urtemuga bazetorrela eta zerbait egin beharra zegoela uste zuen. Roldan Jimeno eta Aitor Pescador historialariekin Antso Nagusiari buruzko liburua egina zuen 2003an eta hori izan zen aurrekaria. Nafarroa Bizirik martxan jarri genuen eta lehen egoitza nire etxeko gela batean izan zuen. Erregimenak sortuko zuen olatuan surflariarena egitea zen gure ideia. Bilakaerak erakutsi zigun olatu guztia Nafarroa Bizirikek sortu zuela. Hortik aurrera diskurtso hegemonikoan eman da aldaketa erreferentzia historiko zehatz horretan. Orain inork ez du ukatzen Nafarroa Garaia militarki konkistatua izan zela odolez. Jendearen imaginarioan izugarrizko garrantzia du. Hori duela lau-bost urte lortu da. Ni ez naiz batere historizista, baina uste dut gizabanakoon identitatea sortzeko bidean imaginario kolektiboak osatzen dituzten erreferentzia horien guztien artean iragan kolektiboaren ideiak ere badirela, kontzienteki ala inkontzienteki. Eta erreferente horiek espainiarrek edo frantziarrek dauzkaten berberak baldin badira, gu zer gara? Lan hori egin beharra zegoen eta orain hezkuntza sisteman txertatu behar da. Erreferente historikoak ez dira ezinbestekoak, baina jende askorentzat oso baliagarriak dira bere imaginarioaren konformazioan eta ondorioz, bere hautu identitario politikoan. "Hiritarrok tasa berezi bat ordaindu beharko genieke landa eremuan bizi direnei gure lorezainak izateagatik" Zer garrantzi izan du zure familiak zure ikuskera politikoan? Familiarengandik edan dut abertzaletasuna. Ama, Caracasen sortua, EAJkoa eta EAkoa gero, Salvador Urrotz izeneko Orreagako gudari baten alaba zen. Aita Ezker Abertzaleko militante izan zen 1977tik. Kartzelan sartu zuten Egin -eko administrazio kontseiluko lehendakariorde izateagatik eta 18/98 prozesu judizialean, bihotzekoak jota, hil egin zen. Portugalen zegoen Egin itxi zutenean. Gero gordeta eduki genuen hainbat tokitan, ez genuelako atxilotua izatea nahi. Guk eraman genuen Auzitegi Nazionalera Guardia Zibilaren eskuetatik pasa ez zedin. Hara joan nintzen berarekin eta kartzela agindu ziotenean, hura izan zen aita negarrez ikusi nuen lehenengo aldia, ia ahotsik gabe erranez, "ETAkoa naizela diote". Ez zen inolaz ere egia, baina Alcalá Mecora eraman zuten, eta hilabete batzuetako kartzelaldiaren ondoren, epaiaren zain zegoela, kalean, hil zen. Etxean, Baltasar Garzón aitaren heriotzaren erruduntzat hartu izan dugu beti. Aldaketa garaia bizi dugu orain Nafarroan. Nola zaude? Oso itxaropentsu. Ez gara ohartzen zer garrantzi duen garaipen ñimiñoenari ere zukua ateratzeak. Urrats handia da eta laguntza handiena emateko unea da, erregimen zaharra, Nafarroa Garaia XVI. mendean konkistatu zuten horien quinta columna den erregimen hori, itzul ez dadin. Izugarrizko ardura eta erantzukizuna dugu momentu honetan. Ondare immaterialaz ari gara eta horretan buru-belarri ari zara Labrit Multimedian. Euskokultur Fundazioan aritu nintzen lanean Eugenio Arraizarekin, Nabarralde utzita. Han nengoelarik NUPeko Alfredo Asiain irakaslearekin lanean hasi ginen Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboa egiten. Edukiak bizitza-historien bitartez eta ikus-entzunezko formatuan biltzeko metodologia sistematizatua abiarazi genuen. Euskokulturretik atera nintzenean, unibertsitateari Labrit Multimediaren zerbitzuak eskaini nizkion lan horrekin jarraitu ahal izateko. Agerbide kolektiboaren inbentarioak egiten ditugu, giza kolektibitate batek konpartitzen dituen eta identitate sortzaile diren elementuak biltzen ditugu. Egia da Europan gure jardun-esparruan ez dagoela gaur egun bertze enpresarik. Hemen arlo komunikatiboa oso garrantzitsua da. Ondare immaterialak landa turismoari eta turismo kulturalari izugarrizko balio erantsia ematen dio. Jatorrizko izendapeneko produktuen funtsa, adibidez, toki bati lotua dago eta hori da erakutsi behar duguna.  Horren adibide da iaz Erronkariko gaztaz egin zenuen kanpaina? Lehenengo aldiz erronkarieraz egindako publizitate kanpaina izan da. Haren berezitasunarengatik lortu genuen izugarrizko zabalkundea. 26 aldiz biderkatu zen irismena.
news
argia-e338651bfc6b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/elite-ekonomikoen-eskuetan.html
Elite ekonomikoen eskuetan
Juan Mari Arregi
2016-04-17 00:00:00
Elite ekonomikoen eskuetan AEBetako Gobernuak hartzen dituen erabaki politikoen %45 herrialde hartako elite ekonomikoen mesedetan dira; aldiz, oligarkiaren kontrakoak %18 baino ez dira. Hori salatu dute bi estatubatuar akademiko garrantzitsuk egin berri duten ikerketa batean. Diotenez, "eliteek eta interes talde ekonomikoek AEBetako Gobernuaren politiketan eragin funtsezkoa dute; klase ertaineko herritarrek eta masa interes taldeek berriz, sindikatuek esaterako, eragin askoz txikiagoa edo hutsala dute". Ondorioa da AEBetako demokrazia elite ekonomikoen eskuetan dagoela. AEBei buruz diotena Europan eta Espainiako nahiz Frantziako estatuetan ere erabili daiteke, indar handiagoz gainera, baita Euskal Herrian ere. Lobbyek eta elite ekonomikoek finkatzen dituzte gobernuen politikak. Euskal Autonomia Erkidegoko adibidea ikus dezakegu. ELAk joan den astean Eusko Jaurlaritza salatu du, Confebask patronalaren praktikak babesten dituelako. Patronala "estatalizazioa" ari da sustatzen, hau da, EAEn ari da estatuko hitzarmenak ezartzen, lan baldintzak are gehiago pobretuz. Euskal Herri mailako negoziazio kolektiboa ezabatu nahi da horrela, baita lan harremanetarako euskal markoa ere. Eta Eusko Jaurlaritzak praktika hori babesten du, sindikatu abertzalearen arabera. Orain gutxiko beste adibide bat: Panamako paperak. Paradisu fiskal horiek existitzen dira elite ekonomikoek gobernuak baldintzatzen dituztelako. Gobernuek iruzurra eragotzi eta deuseztatu dezakete, baina ez dute nahi eliteek ez dietelako uzten. Elite ekonomikoen eskuetan gaudela erakusten duten bi adibide baino ez dira. Hautestontzietan aukeratuak izan ez direnen eskuetan dagoen demokrazia faltsua da gurea.
news
argia-7239eee8404f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/fitoalimurgia.html
Fitoalimurgia
Jakoba Errekondo
2016-04-17 00:00:00
Fitoalimurgia Apirilaren lehen egun honetan, lagun italiar batek igorri berri dit bazkaritarako mahaia edertzeko jarri duen lore sortaren argazkia. Hau inbidia nirea! Kamelia negutar gorria ( Camellia sp. ) eta urre horizko Forsithia viridisima , peonia arrosa galanta ( Paeonia arborea ) eta baratxuri zuri basati bat. Nire ustez zuri hori hartz-baratxuria dela esan diot, Allium ursinum . Berak ezetz, "aglio pelosetto" ote den, Allium subhirsutum . Berak du lorea sudurraren aurrean, eta nik amore eman behar. Italiarrari "amore". Euskarazko izenik ez diot inon topatu, eta, beraienari itzuli bat emanez, "baratxuri bilotsua" proposatzen dut; hostoen ertz iletsua gogora ekarriz, bide batez. Neguko lore bakarraren gainean, uda berria zapartatu den seinale diren hiru. Hori da Italiaren bihotza; geurearen aldean, aurreratua; klimatologikoki, behintzat, zalantzarik gabe. Baratxuri basati bat edo bestea ote zen eztabaidan, bere etxe ondoko belazearen argazkiak bidali dizkit. Orduan bai, inbidiak urtu nau. Loreen emana dela eta, belarrik ez dute mozten: "Il prato è meraviglioso, pieno de fiori!" . Eta berak, inbidiaren zaurian hazka eta hazka... Nola sukaldean erabiltzen duten, hostoa bezala, lurpeko burutxoa. Bere amaginarrebaren jaioterrian, Sardinian, bereziki maite omen dute, nola gordinik entsaladak gozatzeko, nola ongailu edo bizigarri. Eta hitz berri bat erakutsi dit: baratxuri bilotsua fitoalimurgikoa da. Ulertu dudanaren arabera, fitoalimurgiak adierazten du landare basatiak elikadurarako erabiltzearen artea. Gurean etnobotanika esaten zaio, baina, nire iritziz, adiera zabalegian. Etnobotanikak landareen erabilera guztiak biltzen dituela iruditzen zait. Aurrerantzean, badakit: etnobotanikan elikadurari lotutako alorrari "fitoalimurgia" deituko diot. Grazie, Francesca!
news
argia-2bea75df6bb7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2503/hesi-berri.html
Hesi berri
Mikel Basabe
2016-04-17 00:00:00
Hesi berri Bestela nahikoa arazo ez, eta euskararen hedapenari beste traba bat jartzera datoz. Oraingoan erruduna ez da Madril izango, Gasteiz baino: Heziberri dekretua onartuta, atzera egingo du euskararen irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE): etorkizun hurbilean, euskara gutxiegiko ikasleak orain baino gehiago izango dira. Nafarroako iazko lege-aldaketa "txikiarekin" ez bezala, Kontseilurik ez dago. Eta legebiltzarkide ustez euskaltzaleak, jeltzale zein bilduak, mutu Ereduak gainditu behar direlako aitzakiarekin, ereduok lausotzera doaz: urte batzuk barru ez da A, B edo D ereduko ikastetxerik egongo, guztiak izango baitira 3L: ingurumaria horretan, gurasoek ezingo dute jakin zein ikastetxetan ikasiko den nahikoa euskara, guztiek aginduko baitigute eurenean euskara, gaztelania eta ingelesa, hirurak ederto ikasiko dituztela gure umeek. Horrela, aurrerantzean euskara ingelesarekin lehiatuko da, eta lehia horretan galtzaile aterako. Jaurlaritzak ez du diseinatu 2-16rako (ume gehienek adin-tarte horretan eskolaraturik daude) eredu eleanitza, hizkuntza ofizial biak segurtatuta gero ingelesa indartuko duena. Ez: tranpa egingo du. Ikastetxeen autonomiaren izenean, eskola bakoitzak nahasiko ditu, ikasturtez ikasturte, hiru hizkuntzak nahieran, euskarari B ereduan baino ordu gutxiago eskainiz. Horren ondorio zuzena izango da Euskadiko ikasle gutxiagok jakingo duela euskaraz "nahikotasunez"; alegia, legeak agintzen duena. Eta Jaurlaritzak, A ereduarekin egiten duen legez, ezikusiarena egingo du. Urteek erakusten digutenean  3L ereduak ez duela balio euskaraz jakiteko, belaunaldi bat galdua izango dugu eta, eskarmentuak hala diosku behintzat, Jaurlaritzak ez du ezer egingo. Esandakoa: euskara gutxiegiko ikasle gehiago. Izan ere, Jaurlaritzaren koldarkeria hain da handia, ezen ez baitu zehaztu ikasleek zenbat euskara eta zenbat ingeles jakin behar duten derrigorrezko eskola-aldia amaitzean: A2? B1? B2? Hori bai: Heziberrik zonifikazioa ezarriko du, ikasleen "irteera-perfila" ingurune soziolinguistikoaren arabera aldatuz. Euskararentzat, noski, ez baitut uste ingelesaren ezagutza ingurune soziolinguistikoarekin lotuko dutenik. Hizkuntzen trileroak, 3zurtiak, euskara normal ez izatea behar duten alderdi eta hedabideak, zerbaiten premian zeuden euskararen irakaskuntzaren gorakada gerarazteko: A eredua ia guztiz desagertuta (hori bai, eskola publikoan ghetto bihurtuta, administrazioak hori saihesteko ezer egiten ez duela), hirugarren kubilotea behar zuten EAEko gazteak, etorkizuneko helduak, elebidunak izan ez daitezen. Esku-eskura ipini die Jaurlaritzak.  Bien bitartean, Nafarroako iazko lege-aldaketa "txikiarekin" ez bezala, Kontseilurik ez dago. Eta legebiltzarkide ustez euskaltzaleak, jeltzale zein bilduak, mutu. Kontzertatuak daudelako Heziberriren alde.
news