id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-c35ce6de946d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/izaro-basurko-giza-garapenerako-teknologia-sustatzen.html | "Guk gure gailuak etengabe berritzeko, beste batzuen eskubideak zapalduta daude" | Unai Brea | 2017-03-26 00:00:00 | "Guk gure gailuak etengabe berritzeko, beste batzuen eskubideak zapalduta daude"
Mugarik Gabeko Ingeniaritzako kidea da Izaro Basurko (Donostia, 1981), baina Ingurumen Zientziak ikasi zituen. "Elkartean oso beharrezkoak dira ingeniariak ez direnak ere", azaldu digu. Energia berriztagarrietan eta lankidetzan aditua da, baita militante ekologista ere. Teknologiaren garapenari lotutako kontraesanez hausnartu dugu harekin.
Mugarik gabeko. Beraz, kanpo lankidetzarako sortutako taldea.
Orain, batetik, proiektu bat daukagu El Salvadorren, hango emakume talde batekin aurrera ateratzen ari garena. Herrixketara ura eramateko sistemak sortu, saneamendua egin ekoteknologia bidez… Teknologia erraza, baina haientzat beharrezkoa. Saiatzen gara komunitatearen eskuetan egon dadin, ez hango agintariren batenetan. Eta saiatzen gara gure lanean genero ikuspegia txertatzen. Izan ere, teknologia ez da neutrala. Generoari dagokionez ez behintzat. Teknologia gizonen ikuspuntutik garatzen da.
Agian helburu maskulinoa duelako: mundua menperatzea?
Baietz esango nuke, teknologiarekin lortu nahi dena natura menperatzea da. Hala ere, zer hartzen dugu teknologiatzat? Askotan goi-teknologiarekin lotzen dugu kontzeptua, baina badaude beste teknologia batzuk, zaintzari lotutakoak; horiei artisautza esaten diegu. Baina buztinezko ontziak sortu ez bagenitu ez genuke edukiko orain daukagun bizimodua. Eta jostorratza, eta artaziak… Teknologia asko "ezkutatuta" daude emakumeek baino ez dituztelako erabiltzen. Azken batean, teknologia batzuek potentzia handiagoa dute natura eraldatzeko, eta beste batzuek txikiagoa. Badira guk giza garapenerako teknologia esaten diegunak, eta gure ideia horiek erabiltzea da. Ezin dugu besterik gabe sortu teknologia, sortze hutsagatik. Eta horrekin batera dator beste hausnarketa bat: zeinek eduki behar du teknologiaren eskumena, nork eta zeinentzat sortu behar du? Uste dugu jendarteak eduki behar lukeela eskumen hori.
Hemen ere egiten duzue lanik.
Besteak beste, ikastaroak egiten ditugu nazioarteko lankidetza zer den azaltzeko, jendeak batzuetan ez dakielako oso ondo zer den.
Uste okerrak izaten ditugu lankidetzaz?
Askotan jendea etortzen zaigu esanez "nik asko dakit, lagundu egin nahi dut eta El Salvadorrera joan nahi dut nire proiektua egitera". Guk uste dugu lankidetza mota hori batzuetan ona dela baina eraldatzaileagoa izan behar dela. Pentsatu behar da zergatik dauden herrialde horiek dauden bezala, eta hala datozkigunei esaten diegu "agian ez da beharrezkoa inora joatea laguntzera, baizik eta hemen gure bizimodua aldatzea". Nahi dugu lankidetza parez parekoa izatea, ez asimetrikoa, elkartasunez baina karitaterik gabe. Nahiago dugu gure proiektuak guk kudeatu baina hango jendeak gauzatu ditzala, han ere badaude-eta ingeniari onak.
Ingeniaritza eskoletan, ingeniaritzaz gain, pentsamolde bat ere irakasten da?
Mainstream -aren pentsamoldea teknofantasia bat da: teknologiak dena konpon dezake, zu lasai egon eta jarraitu bizitzen orain arte bezala, ez da arazorik egongo. Asmatuko dugu zerbait klima aldaketa konpontzeko, energia gutxiago kontsumitzeko... Eta uste dugu ikuspegi kritikoagoa falta dela. Ikastaroak egiten ditugu ingeniaritza eskoletan eta ikasleek esaten digute: "Irakatsi diguten guztia izan da nola eraiki hau eta beste, baina inoiz ez digute esan zertarako". Urtegi bat, adibidez: ikasten da zer turbina erabili, zer kalkulu egin… Baina ez diete esaten zeintzuk diren kaltetuak, edo zeinentzat dakarren onura urtegi horrek.
Energia gutxiago kontsumitzeko bide teknologikoaren promesa aipatu duzu. Berriztagarriak gorantz doaz etengabe, baina askok ohartarazi dute berriztagarriak ez direla nahikoa gaur egungo bizimoduari eusteko.
Arazoa ez da teknologikoa, gizarte sistemarena baizik. Ezingo genuke denok kontsumitu guk adina. Bizimoldea moteldu beharko dugu, eta beste balore batzuk indartu. Badaude hainbeste energia kontsumitu gabe egin daitezkeen gauzak: irakurri, musika entzun, antzerkira joan, antzerkia ikasi…
Egiten dira, hala ere…
Bai, baina ez dira New Yorkera hegazkinez joatea bezain erakargarriak. Eta ezin dugu denok oporretan New Yorkera joan.
Ez al da eskubidea New Yorkera joatea?
Ez, denok ezingo genukeelako egin. Denok batera egin nahi bagenu, ez legoke energia nahikorik. Eskubidea daukagu batetik bestera mugitzeko, baina ez edonola. Eta bestetik, gu New Yorkera joateko joaten garen prezioan, petrolioa oso merke ustiatu behar da munduko beste leku batean, eta hango eskubideak urratu. Berdin gertatzen da mugikorrekin, ordenagailuekin, eta batzuek ia urtero aldatzen dituzte. Guk gure gailuak merke erosteko eta etengabe berritzeko, beste batzuen eskubideak zapalduta daude.
Kontsumitzailea etengabe errudun sentiaraztea ez da helburua izango noski.
Ez, helburua kontziente izatea da. Behar duzu eskuko telefonoa? Bai, baina erabil ezazu kontzienteki eta ez erosi urtero bat, eta ahal baduzu eskatu, galdetu, "nondik etorri da hau"? Berdin telefonoa, tomatea edo arropa. Kontsumitzaile garen heinean badugu indarra gauzak aldatzeko. "Zertarako nahi dugu teknologia?", hori da azken batean egin behar dugun galdera. Zertarako eta zeinentzat. Baldin bada gure bizi kalitatea hobetzeko, erabil dezagun, baina baldin bada beste batzuen eskubideak zapalduz gure apetak betetzeko, ba… | news |
argia-d9b020b474c8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/zestoako-bainuetxea.html | Ur sendagarriak eta aire lizunak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-03-26 00:00:00 | Ur sendagarriak eta aire lizunak
Zestoa, 1760. urte inguruan. Donemiliagako markesaren txakurrak ur beroko putzuak topatu omen zituen. Hazteriak jota zegoen eta putzu horietan sartuta sendatu omen zen txakurra. 1804an zabaldu zen bainuetxea eta, horrenbestez, Euskal Herriko lehen instalazio turistikoa izan zen. Turista gehiago etortzen hasi ziren 1893tik aurrera, Gran Hotel-a eraikitzen hasi eta gero. Eta 1920ko hamarkada zoriontsuan kanpotarren eragina nabarmentzen hasia zen zestoarren mentalitate eta ohituretan, besteak beste dantzan, Fernando Arzallusek Danbolin Zestoako herri aldizkarian berriki jaso duenez.
Arzallusek 1928ko agiri bat jaso zuen duela hogei bat urteko festetako egitarauan. Dokumentuak islatzen duenez, urte hartako maiatzeko jaien ondoren, alkateak dantza lotuak debekatu zituen eta horrek herritarrak sumindu omen zituen. Zestoarren erantzuna eztabaidatu zuten udal agintariek, eta eztabaida hura paperan jaso.
Felix Zunzunegi heritarrak esan zuen "ez dela bera dantza lotuaren aldekoa, eta are gutxiago hemengo plazan dantzatzen den dantza zorabiagarri horren aldekoa; berak eskatzen duela ondoko herrietan, Azpeitian eta Azkoitian, egiten dena egitea (…); bera musikaren aldekoa dela baina ez dantza erotikoaren aldekoa eta, beraz, desegokia iruditzen zaiola". Itxuraz, Azpeitian eta Azkoitian arazoa konponduta zeukaten, baina inguruko herrietan kanpotik etorritako dantza erotiko haiek ez zeuden Zestoan bezain errotuta, nonbait.
Ramon Izeta alkateak arrazoia eman zion Zunzunegiri, baina bazekien "musikariak dantza sueltoak bakarrik jotzearen kontra zeudela, eta horregatik bidezkotzat jo zuela bailable denak bertan behera lagatzea, ea hartara herritarrak otzantzen ziren; baina protestak halako mailara iritsi dira, eta ez da posible eskatzen dutena ez ematea". Horregatik, erdibideko proposamena egin zuen: pieza suelto bat jotzea eta bestea lotua.
Antonio Egigurenek eskatu zuen erabakia, alde batekoa zein bestekoa, aho batez hartzea, liskar handiagoak saiheste aldera, eta azkenean alkatearen proposamena onartu zuten: "Bandak jo dezala pieza bat sueltoa eta beste bat lotua, baina angelusaren ordurako, hau da iluntzerako, dena bukatzeko baldintzarekin". Baina, "ez dezatela jo eskandalosotzat hartzen diren dantza bat bera ere, esate baterako fox-trotak, charlestonak, tangoak eta abar". | news |
argia-1bf910c195cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/indian-frogatu-dute-diru-fisikoaren-desagertzeak-nori-egiten-dion-kalte.html | Indian frogatu dute diru fisikoaren desagertzeak nori egiten dion kalte | Pello Zubiria Kamino | 2017-03-26 00:00:00 | Indian frogatu dute diru fisikoaren desagertzeak nori egiten dion kalte
India cashless lurralde bihurtzea erabaki dute hango agintariek, diru moneta fisikoen ordez txartel eta diru digitaletara iraganez, ustelkeria eta merkatu beltza ezabatzeko balioko duelakoan. Egun batetik bestera herritarren eskuetan ziren sosen %86 erretiratu zuten eta ezinegona zabaldu denetan. Iraultzaren kaltetuak laster ikusi dira: nekazariak, beltzean lan egiten dutenak –indiarren gehiengoa–, kaleko saltzaileak eta oro har digitalizatzean barnatzeko arazoak dituzten guztiak.
Mundu guztia entreteniturik zegoela AEBetan lehendakari Donald Trump nola hautatzen zuten begira, egun hartan bertan India lurrikara batek astindu zuen, 1.250 milioi jenderen bizimoduak errotik aldatuko zituena. Azaroaren 8an, gaueko 22:00etan Indiako hedabide nagusietan azaldu zen Narendra Modi lehen ministroa iragartzeko gauerdian bertan baliorik gabe geratuko zirela 500 eta 1.000 errupiako bileteak, herrialdean zirkulatzen zuen diru fisiko guztiaren %86. Modik 50 eguneko epea lagatzen zien herritarrei diru zaharra bankuetan entregatu eta paper berriz ordezkatzeko eta bide batez diru elektronikoz funtzionatzen hasteko.
Prentsa ekonomikoak asko goraipatu ditu Indiak egindako urrats ausartak bere ekonomia monetagabetu – demonetisation, cashless economy... – eta modernizatzeko ahalegina. Modik herritarrei azaldu zien horrelako neurri gogorra beharrezkoa zela ustelkeria, diru beltza eta terrorismoaren finantziazioa ezabatzeko. Aldiz, orain hasi dira munduan barrena zabaltzen hango ahots kritikoak, diotenak aldaketa oso mingarria ari dela suertatzen jende askorentzako, funtsean ahulenendako. Monetagabetzeak eragindako heriotzak ere ehunka omen dira.
Munduko nekazarien eta elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua den GRAINek otsailean plazaratu duenez " moneta gabeko ekonomia kolpe handi bat da ekoizle txikientzako ". GRAINek arreta bereziz jarraitzen ditu Asian globalizazio neoliberalak dakartzan aldaketak Supermarket Watch Asia buletinean: "Azoka txikietan oinarritzen da milioika jenderen ekonomia eta bizimodua. Eta hala ere, Asiako herrialde askok antolatu dituzte lekuko merkatuak eta horiei esker bizi diren jendeak hondoratzeko politikak. Hong Kongetik hasita Hanoiraino, gobernuek debekatzen dituzte azokak, aldi berean ahulduz korporazio handien indarra eta prezioen eromena kontrolatzen zituzten arauak". Politika horien adibide muturrekoena da Indiaren erabakia.
Ekonomia diru fisikotik banka digitalera eta plastikozko dirura –txarteletara– iraganarazteko erabakiak, laster ikusi denez, ez ditu hainbeste kolpatu ustelkeria eta beltzean ari diren enpresa handiak, baizik eta eskala txikiko ekoizleak, laborariak eta karrikako saltzaileak, banka digitalean sartzeko zailtasunik handienak dituztenak. Lehen hilabeteetan monetagabetzeak merkataritzaren eta salmenten alor guztiak astindu ditu, baina betidanik diru fisikoan oinarritu direnak modu berezian, nekazaritzan eta deklaratu gabeko lan informaletan ari direnak bidenabar.
India bezalako herrialde zabal batean izugarri neketsua gertatu da billete zaharrak berriz ordezkatzea eta gauetik goizera herritarren eskuetan billete guztien %14 besterik ez geratzeak itolarrian murgildu ditu milioika. Indian salerosketa guztien %95etik gora dirutan egiten ziren, saltzaileen %90ak ez zeukan modurik dirua ez zen beste ezer onartzeko, txartelak esaterako. Langileen %85ek jornala dirutan kobratzen zuen eta populazioaren erdiak kontu korronterik ere ez zeukan inongo bankutan. Modik erabakia jakinarazi osteko bi hilabetetan milaka tresna elektroniko zabaldu dira salerosketa digitalak erraztu dituztenak, kreditu txartel bidezko salerosketak %10 ugaritu dira... baina bitartean kaleko saltzaileei negozioak agortu zaizkie, beraiek bezala erosleak ere dirudik gabe geratuak zirelako.
Indiarrak oro kontsumitzaile bortxaz
Kontraturik gabeko lan informalak osatzen du Indiako langileriaren %93a eta hauek nozitu dute gehien bat-bateko aldaketarekin. Milaka langilek bere enplegua galdu du, GRAINen txostenak dioenez. "Eraikuntza lanak mantsotu dira. Taxiek, bizikletazko rickshawek, etxeetako enplegatuek, zamaketariek eta beste askok jasaten dituzte zailtasun handiak. Jornala egunka kobratzen duen obrero asko lanik eta dirurik gabe geratzean, alderantzizko migrazioa hasi da, hirietatik herrixketara itzultzekoa".
Komertzioan ere, txikiak galtzaile.
Karrikako saltzaileek muturreko galanta jaso dute, beren negozioa txanpon fisikoetan oinarritzen baita. Egun batetik bestera eroslerik gabe geratu ziren, eta hurbiltzen ziren bakanei diru xeheak itzultzeko ahalmenik gabe gainera. Aldiz, supermerkatu handiek eta salerosketa elektronikoan berezitutakoak atera dira indartuak aldaketarekin. Eta Dharmendra Kumarrek GRAINen buletinean idatzi duenez, Modiren gobernuak hasieran aipatzen bazituen ustelkeria, merkatu beltza eta terrorismoa monetagabetzearen arrazoitzat, laster hasi zen benetako argudioa azaltzen: India modernizatzea cashless economy bihurtuz.
Funtsean indiarrak oro kontsumitzaile bihurtzeko erabakia datza plastikozko diruaren zabaltzearen arrazoia: jendearen ohiko bizimodua aldatu, saldu eta erosteko moduak, janari eta hornidura oro eskuratzeko zirkuituak. "Indiako pagakizun elektronikoen liderra den Paytm konpainiak atzean dauka Alibaba e-merkataritzako erraldoi txinatarra. Alibabak dagoenekoz badauzka 20 milioi erabiltzaile Indian eta asko dauka irabazteko gobernuaren operazio honetatik. Paytm eta Alibaba bezalakoen desioa da indiarren eroste moduak aldatzea". Amazon eta Flipkart ere, Indiako e-merkataritzan lider direnak, diru asko ari dira inbertitzen beren salmentak handitzeko. Ondo posizionatu dira kaleko saltzaileei eta komertziante independente txikiei konkurrentzia irabazteko.
Exekutibo neoliberalek maite duten Forbes aldizkarian Wade Shepardek aitortu du: "Modiren monetagabetze operazioa izan da shock doctrine [Naomi Kleinenek definitzen duena bezalako] taktika bat, dirutan oinarritutako merkatua ezabatzeko, ekonomia eta populazioa gehiago digitalizatzeko, eta sare ekonomiko formalagoa bilakatzeko, zergak ezartzen errazagoa izango dena".
Indiako nekazari txikien mugimenduek lehen ministroari gutun ireki batean aurpegiratu diote herrialdearen independentziaz geroztik hartutako muturrekorik handiena neurriokin eman diela. Behin monetagabetzeko neurriak hartzen hasita, Delhiko agintariek ez dituzte kontutan hartu Indian gehiengoa diren landa eremuetako jendeak, ez diete erreparatu metropolietan bizi direnen eta beste guztien arteko bizimoduen ezberdintasunei, ez zaie axola izan urtearen zein sasoitan eta nola ezarri neurriak nekazarien egutegietan gozoago iragan zitezen.
Betiko azoketan baserritarrek bezala erostunek hilabeteotan bizi dituzten estuasunak asko aipatu dira. Aldiz, nekazarien ordezkariek garrantzia berezia eman diote beste honi ere: laborantzan betebehar funtsezkoa konplitzen duten kreditu kooperatiba txikien biziraupena jarri da arriskuan, dena irentsi nahi duen banka handiaren mesedetan. | news |
argia-741c7cae0dee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/hobe-isilik.html | Hobe isilik | Xabier Mendiguren Elizegi | 2017-03-26 00:00:00 | Hobe isilik
Lagun batek horrelaxe esan zidan behin: "Nire amonak, erdaraz, isilik egoten besterik ez zekien". Esaldia buru barruan dantzan geratu zitzaidan, luzaroan. Itxura batean, sinplea bezain argia da perpausa: lagun horren amona euskaldun hutsa zen, elebakarra, eta ez zekien erdaraz hitz egiten. Pixka batean pentsatzen jarriz gero, ordea, berez diotena baino gehiago adierazten dute hitz horiek, esangura sakonagoak topa diezazkiokegu, ageriko esanahiaren azpiko azpildurak.
Adibidez, esaldiak, hizkuntzen ezagupenaz harago, botere-harreman bat adierazten du. Gaztelaniadun bat, inork espainolez ez dakien leku batera baldin badoa, ez da isilik eta lotsatuta geratuko; ez behintzat euskaldunen artean; errazago da ozen hitz egiten imajinatzea, bolumena igota halako batean miraria gertatu eta norbaitek ulertuko duelakoan. Euskaldun gizajo bat trantze horretan imajinatzeko, ordea, ez da irudimen handirik behar, nahikoa da memoria historiko apurra: medikuarenean, edozein leihatilaren aurrean, parean aginte-makilatxoren bat daukan edonor tokatuta: dela guardia zibila, dela Iberdrolako teknikaria, dela kazetari alkatxofaduna. Eta amona beti isilik, badaezpada ere.
Pentsatzen segituta, generoen arteko hierarkia ere salatzen du esaldiak. Hau da, amonaz ari gara, ez aitonaz. Emakumea errazago isildu dute beti. Badaki berak ez duela botererik, larderiarik, eskumenik. Isilik egotea tokatzen zaiola. Bazterrean, molestatuko ez duen lekuan. Lotsarazita, sarri.
Azken asteetako adierazpen eta gertakariek nire lagunaren amona oroitarazi didate, beste behin. Adibidez, amona horrek, bere etxe aurreko ataria zoragarri garbituta ere, ez luke balioko herriko kaleak eskobatzeko. Zeren barrendero izateko EGA eskatzea gehiegizkoa omen baita (inon inori eskatu ote diote ba halakorik?), baina, esan gabe esaten ari zaizkigu, gaztelaniaz jakitea aldiz ezinbestekoa da eta izango. Zeren gure agintari abertzale eskuzabalek euskaraz atendituko gaituen norbait jarri nahi dute leihatila gehienetan, indigena elebakar gizajorik ia geratzen ez den arren, euskaltzale fanatiko egoskorrak gehiegi ez sumintzeko, goxoki bat ematen zaion ume petralaren gisan, baina, ondorioztatu behar dugu, administrazioak erdaraz funtzionatzen jarraituko du, sekulorum sekulotan, gizarteak bezalaxe.
Nire lagunaren amonari espainolei buruzko iritzia eskatu baliote, seguru nago ez zukeela hitz txarrik esango. Azken batean, haiek dira daukatenak, dakitenak, dezaketenak. Hark, erdaraz, isilik egoten besterik ez zekien. Guri, berriz (erdaraz jakin bai baina beste hizkuntza batean egiten tematzen garenoi), argi esan zaigu: euskaraz ere, zenbait gairi buruz, hobe duzue isilik egon. | news |
argia-3536768d8ba2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/bilboren-nortasunak.html | Bilboren nortasuna(k) | Dabi Piedra | 2017-03-26 00:00:00 | Bilboren nortasuna(k)
Loraldia Festibalaren barruan, martxoaren 16an Lutxo Egia idazleak eta Mikel Inunziaga musikariak eskainitako
Hiri hori da hiri hau emanaldiaren kronika.
Aurtengoa hirugarren edizioa bada ere, udaberri hastapenean Bilbon sustrai sendoak bota dituen egitasmoa da Loraldia, urtetik urtera luzeago, oparoago eta zabalago. Ikuspegi garaikidetik euskal kulturari begiratzeko leihoa da Loraldia eta, Azkuna Zentroko hitzaldi-kontzertuan, hiria bera izan zen protagonista. Meatzaleak programaren eta Loraldiaren arteko lankidetzari esker, Hiri hori da hiri hau aurkeztu zuten Lutxo Egia idazleak eta Minel Inunziaga, Inun, kantautoreak.
Lekua, ezin aproposagoa. Bilboren eraldaketaz hausnartzea izan zen hitzaldi-kontzertuaren helburua, Guggenheim Museoaren titaniozko distirak hiria nola aldatu duen aztertzea. Azkuna Zentroa, behinola ardo usain sarkorreko alondegi, diseinuzko eraikin kulturala da egun. Azalarekin batera aldatu ote da Bilboren mamia, alondegi zaharrean bezala? Lehengo eta oraingo Bilboren nortasuna bat eta bera al da? Horiexek Egiak eta Inunek plazaratutako zalantzak. Alegia, hiri hura ote da hiri hau?
Hotsa. Portuko iskanbilak. Ondoren, Abbaren Take a chance on me, Inunen ahotsaren eta gitarraren bidez. Hala hasi zen saioa. "Paisaia begia da, baina belarria ere bai, eta sudurra", horra Lutxo Egiaren baieztapena. 1990eko hamarkadan, itsasadarraren ertzeko fabrika ketsuek pasealekuei, parkeei eta museoei utzi zieten lekua. Bilboren itxura aldatu zuen horrek. Garai bateko zaratak eta usainak –kiratsak– desagertu ziren.
Hurrengo ordubetean, desagertutako Bilbo haren eta errealitate bihurtutako Bilbo utopikoaren arteko talkaz gogoeta egin zuen Egiak, Inunen doinuek lagunduta. Guggenheim Museoa eraiki izana, zenbateraino izan da etena hiriaren nortasunean? Erantzunak baino, galderak bota zituen. Lehen autentikoagoa zen Bilbo, ala iragana idealizatu dugu? Itxurakerian galdu gara? "Simulakroaren munduan, kartoizkoa benetako bihurtzen da".
Euskal literaturak zeresana izan zuen Egiaren eta Inunen hausnarketan. Euskal idazle ugari erakarri dituen zurrunbiloa da Bilbo, baina hiria aldatzen joan den bezala, idazleen ikuspuntua ere ez da bera garai batean edo bestean. Bernardo Atxaga aipatu zuen Lutxo Egiak lehenik, asteasuar bilbotartua. Haren atzetik etorri ziren Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Jon Alonso, Jon Arretxe, Irati Jimenez, Blas de Otero, Itxaro Borda eta abar. Eta, jakina, Gabriel Aresti. "Londres da Dickens, Dublin da Joyce, Donostia da Saizarbitoria. Bilbo da Aresti", bota zuen Egiak.
Bien bitartean, Inunek hainbat abestiren zatiak kantatu zituen, Bilbo eszenatoki edo protagonista duten piezak. Eta Donostia. Bilbo baita Donostia ez den guztia, eta Donostia Bilbo ez den guztia. Ala ez? Inunek entzule guztiak harritu zituen Donostiari eskainitako rap gisako abesti batekin. Sarriegiren Donostiako Martxa zen doinuaren oinarria.
Ziurtasunak baino, zalantzak agertu zituzten Egiak eta Inunek, entzule bakoitzak gogoeta egin zezan. Euskal idazleak bidelagun, jauzika ibili ziren: fabriketatik museoetara, Abandoibarratik San Frantziskora, auzo herrikoietatik gentrifikaziora, abangoardiatik bazterkeriara. Bi Bilboren arteko tentsioa dago? Bilbo bakarra da, baina geruzaz osatua, Egiaren ustez. "Gezurrezko Bilbo baino egiazkoagorik ez dago". Azken finean, hiri hori ere bada hiri hau. | news |
argia-4606c2924f1a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/ikastetxe-hauetan-etsaminik-gabe-ebaluatzen-dute.html | Ikastetxe hauetan etsaminik gabe ebaluatzen dute | Mikel Garcia Idiakez | 2017-03-26 00:00:00 | Ikastetxe hauetan etsaminik gabe ebaluatzen dute
Azterketa eta noten eskema tradizionala alboratu eta ikasleen garapen osoa aintzat duen ebaluazio hezigarria lantzen dute gero eta ikastetxe gehiagotan. Euren esperientzia kontatzeko eskatu diegu horietako lauri: Langile ikastetxe publikoa, San Bizente ikastola, Arrankudiagako eskola txikia eta Geroa eskola librea.
Langilen, "lan tratuak"
Haur eta Lehen Hezkuntzako 727 ikasle ditu Hernaniko Langile ikastetxe publikoak, laster 50 urte beteko ditu eta sorreratik bertatik ikaslearen garapen prozesuan oinarritu dute ebaluazioa. "Garapena bere osotasunean hartzeak eskatzen du edukiez gain jarrera, harremanak, sormena, zailtasunei aurre egiteko gaitasuna… ere kontuan hartzea", azaldu digute Ixabel Arin zuzendariak eta Ana Quevedo ikasketa buruak. Ebaluazioa ez da une jakin bateko neurketa, jarraitua baizik, bakoitzaren prozesua egunerokoan doaz baloratzen, ikasle bakoitzaren abiapuntua eta egoera ezberdinak direla aintzat hartuz: nola ari da ikaslea taldean eta bakarka? Zein material erabili du eta zein proposamen egin? Saiatu al da? Ze lan ohitura eta interes ditu? Nolako harremanak ditu helduekin eta berdinekin? Zein ardura? Zenbaterainoko autonomia?... Behaketaren bidez itemak betetzen eta oharrak hartzen doa irakaslea, eta ondoren irakasle taldea bilduko da, denon ikuspegia biltzeko.
Unitateka edo gaika egiten dute lan, hiru galdera abiapuntu: Zer dakigu (aurretik)? Zer jakin nahi dugu? Zer lortu dugu (gaia landu ondoren)? "Lan tratuak" egiten dituzte gai bakoitzaren hasieran: alegia, zer landuko duten eta zein helbururekin, ikasleak jakin dezan zer den amaieran lortu beharrekoa. Bukaeran beti dago produkzio bat: izan daiteke beste ikasleei landutakoa azaltzea, edo gurasoei, edo idatzizko lan bat… eta "gakoa da azken produkzio hori ikasleek ez dutela bizi kontrol gisa, landutako guztiari amaiera bat emateko modu gisa baizik". Produkzio horrek bigarren parte inportantea dauka: ezer ez da perfektua, eta gaztearekin batera landuko du irakasleak nola hobetu eta osatu egindakoa. "Asmoa da ikasleak lorpen sentsazioa izatea eta bakoitzak bere mailan egitea aurrera. Ezinean dabiltzan ikasle batzuek nahi dute gainerako guztien pare aritu, nabarmendu gabe, eta hori ere landu beharreko prozesua da, gure laguntza beharko dutelako, baina laguntza beti da bera ondo sentitzeko eta besteen aurrean arrakastatsu agertzeko. Denek iritsi behar dute amaierara: denek egingo dute errezeta, ipuina edo dena delakoa, bakoitzak bere prozesuaren arabera". Azpimarra ikaslearen trebezietan jartzen dute, motibagarriagoa delako, eta zailtasunak dauden arloetan, zailtasun gisa planteatu ordez, elkarrekin ikusten dute aurrera nola egin. "Dena den, frustrazioa ere landu behar da: denean ez gara onak eta konturatu behar gara, hutsune horiek lantzeko".
I. Arin eta A. Quevedo, Langile: "Gakoa da azken produkzio hori ikasleek ez dutela bizi kontrol gisa. Asmoa da ikasleak lorpen sentsazioa izatea eta bakoitzak bere mailan egitea aurrera"
Horri guztiari gehitzen zaizkio autoebaluazioa eta koebaluazioa (ikasleak ondokoa ebaluatzen du) eta "irakasleok ere ebaluatzen dugu gure burua". Ikasle eta familiek ez dute notarik jasotzen, edukiez gain hasieran aipaturiko arlo ugariak barne hartzen dituen ebaluazio globala baizik. Familiaren iritzia gehituta osatuko da balorazioa eta ikaslearen beharren arabera jarriko dituzte indarrak autonomia arloan, harremanetan, matematiketan...
Kanpo ebaluazioez galdetuta, ikasleek izan ditzaketen beldurrak kentzen dizkietela esan digute, "baina ez diegu garrantzirik ematen eta argi daukagu ez dutela gure jarduna baldintzatuko, azterketa hauek ez baitiote eguneroko dinamikari erantzuten".
San Bizenten, 1, 2 eta 3 aldagaiak
Oiongo San Bizente ikastolan, duela bost urte hasi ziren Lehen Hezkuntzan ebaluazio hezigarria aplikatzen, Gema Berzal zuzendariak azaldu digunez: "Bi hutsune nagusi antzeman genituen: batetik, ikasleek ez zuten ongi ulertzen ariketekin zehazki zer egin behar zuten eta zertarako, eta komunikazioa hobetzen lagundu digu eredu berriak, irizpideak finkatzen, ikasleek jakin dezaten momenturo zertan ari diren eta guk jakiteko zein unetan dauden. Bestetik, hezkuntza ildo estrategiko bat falta zitzaigun eta orain argi daukagu zer eta zertarako ari garen". Hilero diseinatzen dute irakasleek hilabete horretan egingo duten dinamika kooperatiboa, proiektua edota ekintza, eta protokolo bat jarraituz behatuko dituzte hilabete horretako ekintza, irakaslea bera, taldea eta ikasleak. Egunerokoan, dena da proba, ahoz, idatziz edo bestela, probak ez daudelako lotuta hiruhileko epe artifizialetara edo nota jartzeko beharretara, erritmoak eskatzen duenera baizik: "Ebidentziak jasotzen goaz, ikaslea non zegoen, zer bide egiten ari den eta orain non dagoen. Galdera eraginkorrak egitea da gakoa: Ados al zaude ondokoak esandakoarekin? Zer proposamen berri egingo zenizkioke? Zertarako balio dizu egiten ari zarenak? Nola dakizu ondo egiten ari zarela?... Eta erantzunetan trabatzen bada, korapiloa askatzen lagunduko diogu: Pauso hau eta hau eman al dituzu? Modu horretan, ikasleak metakognizioa barneratzen du, bere ikas-prozesuaren eta ezagutzaren kontzientzia hartzen du, momenturo daki nora begiratu". Protokoloaren azken galderak berak ere ikasteko gogoeta lagungarria izan nahi du: Berriz egin beharko bazenu, zer aldatuko zenuke?
G. Berzal, San Bizente: "Ikasleak metakognizioa barneratzen du, alegia bere ikas-prozesuaren eta ezagutzaren kontzientzia hartzen du, uneoro daki nora begiratu"
San Bizenten bi dira zutabe nagusiak: autonomia eta iritzi kritikoa. Oro har, gaitasunak ebaluatzen dituzte, baina nola bermatu eduki kontzeptualak ere barneratu dituztela? "Landu ahala: adibidez, energia motez ariko bagara, 'irteera txartela' atera eta lehenengo galdetuko dugu zer den energia, azalduko dugu eta denek ulertu dutela ziurtatuko dugu, oinarria edo kontzeptua ongi finkatu gabe ezingo dugulako aurrera egin. Nolabait, ebaluazio iraunkorra da, momentuan bertan egindakoa; ez da aurrerago aparteko probarik egiten eduki horretaz galdetzeko".
Notei balioa kendu diete eta ondorioz ikasleek ez dute arreta horretan jartzen, baina hiru aldagai dituzte:
- 1, ebidentziak ikusita, ez du helburua lortu eta berarekin finkatuko da norabidea.
- 2, lortu du.
- 3, oso ondo lortu du.
"Ez da azken emaitza, prozesua da: 1etik 2ra joan behar dugu, 2tik 3ra, eta 3koari ere erronka gehigarria jarriko diogu, zenbakia ez delako helburu, aurrera segitzeko tresna baizik".
Hernaniko Langile (ezkerrean) eta Oiongo San Bizente. Ebaluazio on batek etiketak apurtzeko ere balio behar du.
Arrankudiagan, norbere garapenaren kontzientzia
Arrankudiagako eskola txikian, 2-12 urte bitarteko 114 ikasle ari dira eta eskola hauetako filosofiari jarraiki, talde guztietan adin ezberdineko haurrak daude nahastuta. Hamar-hamabost urte dira proiektuka egiten dutela lan, testu-libururik gabe eta aniztasunari erantzutea oinarri hartuta. Metodologia horren isla da ebaluazioa ere: "Baliabidea da, ikaslearekin zein planifikazio egingo dugun eta zertan lagundu dezakegun erakusten diguna: informazio horrek esango digu umea jakintzaren zein momentutan dagoen, zein interes dituen, erabiltzen dituen estrategiak zeintzuk diren, gaiari buruz zer dakien, zelan kudeatzen dituen aurrean dituen egoerak…", dio Nekane Otsoa zuzendariak. Arlo akademikoa eta konpetentziak behatzeaz gain, "jakin nahi dugu ikaslea gustura ari al den eta horretarako testuingurua ezagutu behar dugu. Ezinbestekoa da, esaterako, ebaluatzea ikasleak zein jarrera eta egoera animiko duen, horrek asko baldintzatuko duelako bere ikas-prozesua".
N. Otsoa, Arrankudiaga: "Ikasleak izan duen ibilbidearen narrazioa bakarrik egiten badiezu gurasoei, oker interpreta dezakete, helburu orokorrekiko non dagoen islatzen ez badu"
Ez dute azterketarik, produkzioak egiten dituzte ikasleek eta ibilbidea erregistratzen doa irakaslea. Aldaketarik ikusi badu, idatzita geratuko da, baita zein testuingurutan eman den, zein arrazoi egon daitezkeen horretarako; "eta arrazoia izan daiteke adibidez goiz ona/txarra izan duela eskolara etorri aurretik". Ikuspegia osatzeko, gelako hezitzaile taldeak bilera du astero. Horrekin guztiarekin, ikaslearen ibilbidea zehazten duen txostena egingo du irakasleak hiruhilero. "Eta txostenaren bukaeran, nota ere jartzen dugu: lehen ez genuen egiten, baina konturatu ginen gaizkiulertuak suertatzen zirela etxe batzuetan. Ikasleak egindako ibilbidearen eta aurrerapenen narrazioa bakarrik egiten badiezu gurasoei, oker interpreta dezakete, ibilbide propioa erreferente hartuta ongi ari delako agian ikaslea, baina horrek ez du zertan islatu helburu orokorrekiko non dagoen". Dena den, eurek indarra ikaslearen ibilbide propioari ematen diotela nabarmendu du Otsoak. "Sarri, haurrei ere erakusten diegu jasotzen goazen informazioa, txikiak direnetik jasotzen dugulako eta eboluzioaz jabetu daitezen, prozesuan hain sartuta gaudenean maiz ez garelako ibilbidea ikusteko kapaz, badirudi beti izan garela eta izango garela oso onak edo oso traketsak, eta etiketak apurtzeko balio du: 'Begira zer lortu duzun', edo 'zer hobetu dezakezula uste duzu?' galdetuko diogu".
Ikasleek elkar ebaluatzea ere onuragarria da: "Demagun, ikaskide batek baino gehiagok eta behin baino gehiagotan esan dizutela ezin dutela zure idatzia irakurri, ez dutelako letra ulertzen; irakasleak letra hobetu behar duzula esatea baino eraginkorragoa da, zure testuak ikaskideek leitzea nahi baduzu idazkera lantzeko beharra sentituko duzulako, zentzua ikusiko diozu helburu horrekin Hobetzeko Tailerretan parte hartzeari. Tailer hauetan ikasleak berak ematen du izena nahi duen ekintzan, sumatzen dituen zailtasunen arabera".
Arrankudiagako eskola txikia (ezkerrean) eta Trokonizko Geroa. Irakaslearen jarrera, jarduna eta klasea baloratzea ere behaketaren parte da.
Geroan, errespetua oinarri
Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntza bukatu arte, 2-16 urte arteko 100 ikasletik gora ditu Trokonizko Geroa eskola libreak, Waldorf pedagogia abiapuntu. "Ebaluatzeko, lehenengo urratsa da haurra ongi ezagutzea, jakitea une eta etapa bakoitzean non dagoen eta zer behar duen, gogoa eta ikasteko grina mantendu ditzan, eskolan eta eskolaz kanpo", kontatu digu Ainitze Balenziaga irakasleak. Haurra ezagutzeko, abantaila handia da irakasle berarekin aritzen direla 6 urteetatik 12 bete arte.
"Eskolara iristen direnean eskua ematen diegu eta hor jada bada zer irakurri, zein aldarterekin etorri den jakiteko: gogor estutu ote didan eskua, edo ihes egin dion diosalari, begiratu al nauen… Klasea hasi eta gorpuzkera behatuko dut, eta galdera botako dut, aurreko klasean landutakoaz; eskua altxatu dutenen arabera ikusten noa zeinek duen erantzuteko grina, zeinek ez duen hitz egiteko gogorik edo ez duen landutakoa gogoratzen… eta ondoriozta dezaket nork barneratu duen jorratutakoa, nortzuk katramilatu diren bidean, edota nik neuk nolako klasea eman nuen. Landutakoa denon parte-hartzearen bidez ekarriko dugu berriz klasera, eta barneratzea lortu dugunean, ikaslea bera da koadernoa sortzen eta osatzen doana: hor ere bada zer behatu, ea ilusioz ari den, ekinean…". Irakaslearen jarrera, jarduna eta klasea baloratzea ere behaketaren parte da.
A.Balenziaga, Geroa: "Ikasleari esango diogunak pisua du; gaizki helaraziz gero, beldurrak sor ditzakegu, norbere buruari jarriko dizkion mugak. Mezuak balio behar du aurrera egiteko; asmatuz gero, erronkari eutsiko dio ikasleak"
Ebaluaketa indibiduala, jarraitua, egonkorra eta errespetuzkoa dute helburu. "Ez notarik, ez azterketarik, ez baita ebaluazio kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Urte bukaeran egiten dugun txostenean idatziko dugu hasieran nola zegoen, zein dohain garatu dituen eta zein oztopo eta erronka izan dituen, zer lantzera animatzen dugun… Errealitatean oinarrituta, baina ikuspegi baikorrarekin, haurrari beti eman behar diogulako ate bat aurrera jarraitzeko". Eta zailtasunak? "Haurrak matematiketan arazoak baldin baditu ezin gara horretan geratu, beste arlo batzuetan dituen dohainak eta argiak ere goraipatu behar dira. Aldi berean, matematiketan zein ahalegin egin ditzakegun adierazi diezaiokegu, baina ardura eta errespetu handiz, harentzat erreferente inportantea garelako eta esaten diogunak pisua duelako; gaizki helaraziz gero, beldurrak sor ditzakegu, norbere buruari jarriko dizkion mugak, jasotako juzguen arabera. Mezuak balio behar du aurrera egiteko, eta asmatuz gero, inor etiketatu gabe, ongi hartuko du ikasleak, erronkari eutsi nahiko dio. Gainera, zailtasunak baditu, tresnak emanda iritsiko da, edo puntu jakin bateraino iritsiko da eta primeran, eman dezakeena hori baldin bada. Jakinda norberaren abiapuntua, prozesua eta noraino eman dezakeen, aurrera bakoitza norbere erronkekin!".
Ebaluazioa erlatibizatzeaz ere aritu gara. Azken finean, gaitasun jakin batzuk ebaluatzen ari zaizkie ikasleei, ez pertsona bezala duten balioa, eta norbere esku ere egongo da indarrak zertan jarri. "Gure egitekoa da garapen prozesu horretan bidelagun izatea, zubi-lana egitea, eta gure begirada eta argibideak baliagarri bazaizkio, zoragarri".
"Kalifikatzen dugun momentutik, gutxienekoa da gero zein ebaluazio egingo dugun"
Hezkuntza eragileek ebaluazio eredu berri baterako irizpideen dekalogoa adostea gustatuko litzaioke LAB sindikatuari eta horretarako bidea jorratzen hasia da dagoeneko. Egungo eredua irauliz, ebaluazio hezitzailea iruten jardunaldiak antolatu zituen eta bertako mahai-inguruan eztabaidatutako guztitik lau gako hautatu ditugu. Ane Ablanedo (NUP, UPPA, UEU), Alexander Barandiaran (HUHEZI) eta Lore Erriondo (EHU) aritu ziren hizlari.
Ezker-eskuin: Alexander Barandiaran, Lore Erriondo eta Ane Ablanedo.
Kalifikazioak baldintzatuta
"Iruditzen zaigu ebaluaketa gauza natural bat dela eta gehienez pentsa dezakegula nola eta zeren arabera ebaluatu –dio Ane Ablanedok–, eta haurrak barneratzen du kalifikatua izan behar duela. Horrek sozialki zein inplikazio dituen ez dago esan beharrik, kalifikatzea ikasleak sailkatzea dela aintzat harturik. Hutsune nagusia hori dela uste dut, ez dela ebaluazioa egiten, kalifikazioa baizik, eta honek baldintzatzen duela ebaluazio osoa. Izan ere, kalifikatzen duzun momentutik, gutxienekoa da gero zein ebaluazio egingo duzun, zeren nota jarri eta ikasturtea pasako al duen esan behar duzu, eta hori zalantzan jarri gabe, alferrik da. Dena da ebaluagarria? Bai, baina ezin da dena kalifikatu. Batzuetan obsesionatzen gara ea ebaluazio objektiboa posible den, ohartu gabe objektibotasuna bilatzen dugula kalifikatu behar dugulako: kalifikatu behar badugu, izan dadila ahalik eta objektiboen. Kalifikatzen ez dugunean, behaketa ez da objektiboa, nola izango da objektiboa! Nik behatuko dut egoera bat naizen horretatik, eta hortik ari naizela jakitun".
Kanpo-ebaluazioak eta tranparen aldarrikapena
Argi du Lore Erriondok: "PISA eta horrelako azterketak sortu dira sortu direnerako, eta hor kokatu behar ditugu. Ezin ditugu kontuan hartu ikastetxean gure barne-ebaluaziorako tresna gisa". Alexander Barandiaranek ere ez ditu aintzat hartzen, "baina kanpo-ebaluazioa kontrasterako denean, beharrezkoa iruditzen zait. Barruan zaudenean, hainbat kontu ez dituzu ikusten, eta interesgarria da sistematik kanpo dagoen norbaiten begirada, kontrasterako". Ablanedok azpimarratu du PISAn emaitza onak ateratzen dituzten herrialdeen hezkuntza ereduak gehiago duela hemen alternatibotzat jotzen dugunetik: "Alegia, kalitatezko hezkuntza eskaintzen denean, arautua izan edo ez, haurrek ez dute besteek baino gutxiago ikasten". Ziria sartzearen eta zirrikituak topatzearen alde ere egin du Ablanedok, estatuak eskaintzen digunari ahal den neurrian iskin egiteko: "Haurraren eta ikaslearen mesedetan, aurre egin behar diogu sistemari". Iritzi berekoa da Barandiaran, eta tranpak egitera animatu ditu hezitzaileak: "Sisteman kontraesanak sartu behar dira, eta sistemak behartzen bagaitu kalifikatzera, ba denei kalifikazio on bat jar diezaiekegu eta ondoren nahi duguna egin. Eta zer da nahi duguna? Mundu guztiak nahi duena: zoriontsu izan. Izan gaitezen zoriontsu eskoletan, gustura dagoen taldean garapena emango delako".
Zein punturaino da ona haurraren parte-hartzea?
Ikasleen parte-hartzea defendatu du Ablanedok, baina haurrak bere burua irakasleak jarritako parametroen arabera ebaluatzeko arriskua nabarmendu du: "Ados nago irakasle eta ikasleen arteko asanbladekin, ikastetxeko bizitzaz edo ikasitakoaz eztabaidatu dezaten, baina ebaluazioari lotuta, azkenaldian bada joera bat haurrari bere prozesuan parte hartuarazteko, eta teorian ongi dago, baldin eta ulertzen badu haurrak nondik egiten den ebaluazio hori, zeren berak badaki zer egiten duen ongi eta zer gaizki, baina ez du modu txarrean bizi, harik eta helduarentzat gaizki dagoen hori hobetu behar duela esaten zaion arte. Ebaluazioa ikaslearekin adostearen arriskua da ikaslea bera bihurtzea bere buruaren polizia; irakasleak kalifikatu behar badu, irakasleak egin dezala, irakasleak jarri diezaiola 5 bat, ez diezaiola ikasleak bere buruari jarri 5 hori". Erriondoren ustez, sarri gainbabestu eta gutxietsi egiten ditugu haur eta gazteak, eta eurak badira kapaz euren ibilbidea ebaluatzeko. Barandiaranek gaineratu duenez, ikasleari hitza ematen diogunean ebaluatzeko, "ez dakit esaten al diogun ebaluatu dezala baita ere irakasleak berarekin izan duen jarrera, bere nahiak eta erritmoak errespetatuak izan al diren, zerbaitetarako balio izan al dion ikasitakoak… Bestela betikora goaz, beste modu batean betikoa errepikatzera, fokua bakarrik ikasleetan jarriz, eta ez inguruan".
Amarauna osatzea helburu
Ikastetxeen arteko sareak osatzera animatu ditu Erriondok hezitzaileak: "Amarauna sortu beharko genuke, batzuen eta besteen esperientziak eta tresnak partekatu, ondokoak egiten duena ezagutu, adostu, definitu, bakoitzari balio diona erakutsi eta ikusi… Euskal Herriko ikastetxeetan erabiltzen diren ebaluaketa sistemei buruzko azterketa falta zaigu, eta oso inportantea iruditzen zait, elkar sustatzeko eta eragiteko, gure hezkuntza propioa antolatzen joateko, baita egiten ari garen horren guztiaren kontzientzia izateko ere". | news |
argia-61b9f1d0c61a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/irakurleak-galdezka.html | Irakurleak galdezka | Jakoba Errekondo | 2017-03-26 00:00:00 | Irakurleak galdezka
Kaixo Jakoba. Pagadi gazte bat daukat eta esan didate komeni izaten dela, landarea gaztea dela, mutur bat utzi eta beste muturrak moztea. Zer iruditzen zaizu? Eta zein ilargirekin moztu behar nituzke mutur horiek? Mila esker eta ongi izan.
Kepa Martinez (Alegia)
Kaixo Kepa. Pagoak zuzenak izateko garrantzitsua da muturreko kimua izatea nagusia. Horrek bi baldintza eskatzen ditu: goranzko puja bakarra izatea eta horrek nahikoa elikagai izatea indarrean hazteko. Lehenengorako zuzen gorantz soilik adar bat uztea komeni da eta parekorik balu –gorantz hura ere– hura moztu. Beste adarrak, bigarren mailakoak, enborraren bueltan datozenak, zabalera bai baina gorantz jotzen ez dutenak, garrantzitsuak dira landareak janari asko sor dezan. Horregatik horiei eustea komeni da. Urtero-urtero zuhaitza luzatu ahala, horietako adar bat edo bi kendu daitezke. Pixkanaka azpitik soilduko duzu, baina kolpetik adarrik eta janaria sortzen duten hostorik kendu gabe.
Lan hori apiril aldera egingo nuke nik, izerdia hazia duenean eta ilbeheran. | news |
argia-14781017b6b7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/bozkatzera-deitutakoen-2483k-eman-du-botoa-estatus-politikoari-buruzko-galdeketetan.html | Bozkatzera deitutakoen %24,83k eman du botoa estatus politikoari buruzko galdeketetan | Lukas Barandiaran San Roman | 2017-03-20 00:00:00 | Bozkatzera deitutakoen %24,83k eman du botoa estatus politikoari buruzko galdeketetan
124.274 pertsona deituak zituen Gure Esku Dagok igande honetako herri galdeketara, eta horien %24,83k bozkatu dute: 30.862k. Tolosaldean, Oarsoaldean, Astigarragan, Hernanin eta Larrabetzun antolatu dituzte galdeketak, 35 herritan denera.
Parte-hartzea askoa aldatu da herri txikietatik handietara. Orexan bozkatzera deitutakoen %82,11k bozkatu dute, eta Errenterian, atzo galdeketa egin zen herrietatik handiena, %13,54k.
Jasotako bozen %95,84k baiezkoaren alde egin dute, eta %2,63k, berriz, kontra egin dute.
2014an Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga-Zollo izan ziren aitzindariak galdeketak egiten. Joan den urtean beste 36 herrik eduki zuten galdeketa egiteko aukera. Atzokoarekin, jada 70.000 pertsona inguruk eman dute bozka herri galdeketetan.
Berria-k Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko kidearen hitzak jaso ditu. Esan du ez dela kontuan hartu behar zenbat jendek parte hartzen duen soilik, baizik eta eztabaida zein testuingurutan egiten den. Eztabaidak anitza izan behar duela azpimarratu, eta hori lortzen ari direla erantsi du.
Herritarrek Euskal Herri independente batean bizi nahi duten ala ez galdetu dute galdeketetan. Galderaren muina bera bazen ere, galderaren formulazioa ez zen berdina leku guztietan:
Tolosaldea: 'Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?'
Oarsoaldean:
Lezo: 'Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?'
Oiartzun: 'Nahi al duzu euskal estatu bateko herritarra izan?'
Pasaia: 'Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?'
Errenteria: 1) 'Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin?' 2) 'Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?'
Astigarraga eta Hernani: 'Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?'
Larrabetzu: 'Euskal estatu burujabe bateko herritar izan gura dozu?'
Hemen dituzue orain arte egin diren galdeketa guztien mapa interaktiboak, grafikoak eta herriz herriko emaitzak: | news |
argia-169f357fac09 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/iraultza-iraultzaren-aurretik.html | Iraultza, iraultzaren aurretik | Urko Apaolaza Avila | 2017-03-26 00:00:00 | Iraultza, iraultzaren aurretik
Sobietarren eraginik gabe ezingo litzateke XX. mendea ulertu, ezta gaur egun mundu zabalean gertatzen diren gatazka politiko eta beste egoera sozial ugari ere. Josep Fontana historialariak (Bartzelona, 1931) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan 2016ko urrian emandako hitzaldia itzuli dugu LARRUN honetarako, ederki azaltzen baitu zergatik komeni zaigun Errusiar Iraultza ikastea: orain ditugun arazo askoren aurrean hausnartzeko balio digu 1917ko iraultzaren mendeurrena gogoratzeak. Aldi berean, ezinezkoa litzateke Errusian duela ehun urte gertaturikoa ulertzea aurreko hamarkadetan herrialde erraldoi hartan bizi izandako giro iraultzailea aztertu gabe, askotan uste dena baino anitzago eta erabakiorragoa. Hurbilketa hori egiten saiatu gara hurrengo orrietan.
Historiak historia eta mitoak mito, 1917ko iraultzaren iruditeria oso bat heldu zaigu XXI. mendekooi. Iruditeria horretan gizonezko iraultzaile intelektual talde batek gidatuta Errusiako sozialdemokrata minoritario baina gogorrek, boltxebikeek, boterea hartzen dute urrian Neguko Jauregia asaltatuz. Ondoren datoz 1918ko urtarrilean Konstituzio Batzarra desegitea eta "proletargoaren diktadura" ezartzeko programa. Nolabait, historiak eta mitoak esan digute iraultza arraro bat izan zela hura, determinismo marxistak iragartzen zuenaren kontrara, langile klasea ondu gabeko jendarte batean egina –horrek ondorio tragikoak utzi ei zituelarik–. Europako beste herrialde industrializatuetako langileen laguntzarik gabe ezinezkoa zen iraultza, baina posible zen etorkizuneko baldintzak eraikitzea: eredu burokratiko batekin estatuak kapitalaren pilaketa areagotzea, estaturik gabeko antolaketa komunista bateranzko trantsizioa eginez.
Sobietar sozialismo erreala porrota izan zela azaldu digu Mendebaldeko kontakizunak. Errusiako Gobernuak berak erreparo handiak ditu mendeurrena gogoratzeko, azaroaren 7rako –urriko iraultzaren data klabea hori izan zen, egutegi juliotarrean– hainbat ekitaldi antolatu ditu Kremlinak, baina historia komisio baten eremu akademikora mugatu du gaia, "berradiskidetzea" helburu. Putinen Errusian Romanov dinastiaren aldeko monumentuak jasotzen dira nola nostalgia sobietarra duten desfileak berreskuratu. Anbiguotasun kalkulatu bat barne batasuna indartzeko.
Marxek idatziriko azkeneko testuetako asko ezkutuan geratu ziren edo ez ziren behar bezala zabaldu, tartean Errusiako nekazal komunen inguruko bere hausnarketak; sozialismora heltzeko beste bide bat egon zitekeela uste zutenak itzalean geratu ziren azkenean
Entsegu "frakasatua" izan omen zen iraultza hura beraz, eta hala ere, Josep Fontanak orriotan itzuli dugun hitzaldian dioen bezala "sinetsi eta saiatu" beharra zegoen. Izan ere, gertaera hura ahalbidetu zuten osagaiak eta jatorria uste dena baino berezko eta masiboagoak izan ziren. Slavoj Zizek pentsalariak Lenin birpentsatzeko bere testuetan "mikropolitika iraultzailea" deitu dio gertatu zenari: oinarrizko demokraziaren leherketa, autoritatea zalantzan jarriz ustekabean sorturiko komite lokal autonomoen ugaritzea... "Hau da Urriko Iraultzaren historia kontatu gabea –dio Zizekek–, estatu kolpe bat eman zuen iraultzaileen talde txiki prestu eta gotor bat izan zela dioen mitoaren beste aldea".
Baserritarren sozialismoa Errusiaren bihotzean
Eta jatorrira itzuli beharko bagina, agian has gaitezke errusiar nekazal komunak aztertzen, Karl Marxek "Errusiako komunista zaharrak" deitu zituen horiek. Filosofo alemaniarrak bere azkeneko idatzietan –Manifestu Komunistaren 1882ko bigarren argitaraldian batez ere– arreta handia jarri zion Europa ekialdeko nekazal eremuen antolaketari: "Errusian lurren erdiak baserritarren jabetza kolektiboa izaten segitzen du. Baina galdera da: erabat ahulduta dagoen obshchina [Errusiako nekazal komuna edo komunitatea] pasa al daiteke lurraren jabego komunaren forma primitibotik, jabego komunistaren goiko mailara?".
Obshchina k eta mir izeneko batzarrak, Errusiako tsar-en garaiko lurren banaketa eta antolaketa mota bat ziren, oso aspaldikoak –ez nahastu Euskal Herrian nolabaiteko antzekotasuna izan zezaketen zilegi eta herri batzarrekin–. Dirudienez, XVIII. mendetik aurrera indarra hartu zuten zergei erantzuteko birbanatze sistema bezala, eta XIX. mendera nahiko desitxuraturik iritsi ziren arren, 1861eko morrontzaren abolizioaren ondorioz kostuak partekatzeko modu bat izan ziren. 1830eko hamarkada inguruan interes gero eta gehiago pizten hasi ziren nekazal komuna horiek, antropologikoki ez ezik, sozialki ere bai. Ordukoak dira "nekazal sozialismo" bat aldarrikatzen zuen korronte populistaren lehen sustraiak; eslaviarzaleen eta Europako beste herrialdeetatik iristen ari ziren ideia aurrerakoietatik edaten ari zirenen arteko eztabaidetatik sortuak.
Populismoak XIX. mendean eragin nabarmena izan zuen Errusiako bizitza intelektual eta politikoan. Narodniki -en mugimendua ( narod = herria) 1870eko hamarkadan sortu zen eta bere ideia nagusia zen nekazal komunetatik abiatuta sozialismora hel zitezkeela kapitalismotik igaro gabe: baserritarrak ziren monarkia eraitsiko zuten egiazko iraultzaileak. "Lurra eta Askatasuna" eta antzeko taldeak sortu ziren bere baitan. 1870eko hamarkada amaieran errepresio basatia jasan zuten, eta ahulduta geratu ziren arren, bi hamarkada geroago sozial-iraultzaileek hartu zuten haien oinordetza. Alderdi horrek 1917ko iraultza garaian babes handia lortu zuen Errusian gehiengo ziren nekazarien artean –urte hartako ekainean egindako Sobieten I. Kongresuan 800 delegatutik 285 zeuzkaten– eta lurra "sozializatzea" proposatzen zuen. Boltxebikeek baina, mespretxatu egiten zuten burgesiarekin harremana zuelako: "Egiaz aberrazio politiko bat zen, jende guztiak botoa ematen dion alderdi horietako bat –zioen Leon Trotskik–, ezertara behartzen ez duena (...) Alderdiak dena biltzen zuen, zero handi bat zen".
Nekazaritza tradizionalaren utopiaren defendatzaile ziren heinean –mundua finitua zela ere bazekiten–, azkeneko hamarkadotan ekologista ezkertiarren artean indarra hartu du Jean Martinez Alierrek "neo-narodnismo" bezala deskribatu duenak, marxismoaren eta kontzientzia ekologikoaren arteko "120 urteko dibortzioa" amaitu nahian. Narodniki horien itzuleraz idatzi du Carlos Taibo historialariak Sobietar Batasunari buruzko bere lanean: "Bada pentsatzen duenik ez dagoela urrun XIX. mendeko narodniki -en mugimendu zaharraren berpiztea. Zalantzarik gabe, oso zentzuzkoa zen industrializazioak eta hazkundeak ingurumenean nahiz jendartean izango zituen ondorioez aritzean, oso kontziente kontsumismo eta masifikazioaren eragin kaltegarriaz, eszeptikoa estatuek eta burokraziak eraldatzeko zuten borondateari zegokionean, eta muturreko deszentralizazioaren erabat aldekoa".
Marxek idatziriko azkeneko testuetako asko ezkutuan geratu ziren edo ez ziren behar bezala zabaldu, tartean Errusiako nekazal komunen inguruko bere hausnarketak; sozialismora heltzeko beste bide bat egon zitekeela uste zutenak itzalean geratu ziren azkenean. Makulu horrekin, akaso beste egoera batean leudeke orain, adibidez, ondotik sortu izan diren borroka indigenak, akaso Jakoba Errekondok dioen moduan "baratza iraultza bihurtzen" ari den honetan, gurean tokitxo bat merezi du historia horrek.
Petrogradoko Putilov lantegi erraldoiko emakume langileak 1917ko martxoaren 8an.
Tsarismoaren zapalkuntza, ideia askatzaileen iturri
Mugimendu populista gehienak –lehen eta orain– egoera politiko oso gogorretan sortu direla idatzi izan da. Errusian behinik behin hala zen, tsar-aren botereak feudalismo antzeko bat baitzuen ezarrita han, jendartearen gehiengoa sasi-esklabutzara kondenaturik. 1825eko abenduan liberalismoz bustiriko nobleziak eta hainbat militarrek absolutismoaren kontrako kolpea eman zuten Alexandro I.a tsar-a egoera ilunetan hil eta gero. Baina porrota izan zen eta Nikolas I.a koroatu berriak etengabe pertsegitu zituen konstituzio baten aldekoak: Errusia autokraziaren putzura erori zen are gehiago. Europako iraultza liberalari eta industrializazioari ateak itxi zizkion jokabide horrek.
Krimeako gerran (1853-1856) baina, errusiar monarkiak ikusi zuen militarki ere erabat atzeratuta geratu zela herrialdea. Frantziar, ingeles eta otomandarren eskutik jasotako makilakadari nolabait erantzuteko, "modernizatu" beharra zegoen eta horretarako Europako estatu-nazio garatuen formula erabili zuen tsar-ak: derrigorrezko soldadutza. Euskal Herrian intsumisioaren garaiak ahaztuta ditugunok, has gaitezke dardarka Suedia bezalako herrialde aurreratu batek zerbitzu militar nahitaezkoa berriz ezarri duela ikusita; ez ote dira inertzia berdinak errepikatuko?
Nolanahi ere, soldadutza ezartzeak herritar guztiak berdinak zirela aitortzea esan nahi zuen XIX. mendeko Errusian, eta teorian, morrontzaren amaiera ekarri zuen horrek. Jokaldiarekin, ordea, praktikan pobreak pobretu egin ziren eta jauntxoak izugarri aberastu: baserritarrak lur-sortak erostera behartu zituzten, eta dirurik ez zutenez, Estatuarekin zorpetu ziren, lehen aipaturiko obshchina edo mir -en bidez. Sapiens aldizkariak otsailean (178 zk.) argitaraturiko erreportaje zabalean azaldu du Errusiak bizi zuen dilema: ezin liteke belaunaldi bakarrean dekretu kolpez feudalismotik atera; Alexandro II.aren neurriek ez zituzten sakoneko gaiak konpontzen, hala nola desberdintasun soziala, errepresioa eta tsar-aren botere erabatekoa.
Osagai guztiak hor zeuden pentsaera nihilistak eta anarkistak ernatzeko. Erbestean zeuden Mikhail Bakunin eta Piotr Kroptokinen ideia libertarioek indar handia hartu zuten mende amaierarako, eta 1917ko iraultzan talde anarkistek protagonismo berezia izan zuten. Baina aurretik ibilbide iraultzaile luzea egina zuten tsarismoaren kontra, ekintza zuzen terroristak erabiliz. 1905eko iraultzaren testuinguruan –ehunka herritarren heriotza eragin zuen Igande Odoltsua -rekin hasi eta Potemkin akorazatuaren matxinadarekin segi zuen hura– atentatu ikusgarriak egin zituzten adibidez. Garai horietan giroturik dago Albert Camusen Les Justes antzezlan ezaguna: "Gorte inperialak jakingo du prest gaudela terrorea erabiltzeko lurra herriari itzuli arte –dio Annenkov iraultzaileak–. Dena prest dago! Momentua iristen ari da". Lehendik ere Errusian bazekiten magnizidioa zer zen, Alexandro II.a bonba batek hil zuen 1881ean, Narodnaia Volia erakunde iraultzaile armatuaren militante batek jaurti zuen.
Industria handiaren gorakada eta sobieten gidaritza
Errusiako populazioa Europa mendebaldearekin konparatuta izugarri hazi zen mende erdian: 1861ean 73 milioi jende izatetik 1913an 170 milioi izatera igaro zen. Eta datu esanguratsuago bat: hirietan bizi zirenak %6 izatetik %18 izatera igaro ziren tarte horretan. Atzerriko inbertitzaileen eskuetan zeuden lehengaien (metalurgia, meatzaritza...) industria lantegi handiak ugaritu ziren. Trotskik kontatzen duenez, 1914an AEBetan mila langiletik gorako lantegi handiek hango industriaren pisuaren %18 zuten, aldiz, Errusian mota horretako fabrikak %41 ziren, are gehiago Moskun eta Petrogradon. Azkeneko hiri horretan makinak egiteko Putilov eta antzeko plantetan milaka langile aritzen ziren.
Petrogradoren 1901eko mapa. Ordurako Europako industria-gune nagusietakoa zen eta atzerriko inbertitzaileek hiriaren hegoaldean lantegi handiak eraiki zituzten; hango "sobiet" edo langile batzarrak izan ziren 1917ko iraultzaren akuilua.
Bistan da Leninek eta beste hainbat boltxebikek errusiar kapitalismoaren garrantzia objektiboa puztu zutela proletargo-kontzientziaren piztea hortik igarotzen zelako –egun hain bogan dagoen post-egia hitzak garai haietarako ere balio lezakeela erakusten du horrek, bestalde–. Baina egia berdaderoa da 1917ko urriko iraultzaren epizentro eta aitzindaritza fabrika horietan egosi zela sobieten bidez.
XX. mende hasieran bazirudien Europa osoa greba handi bat zela, Bizkaiko meatzarietatik hasi eta Bartzelonako Aste Tragiko ra, Berlingo kale istilutsuetatik igaroz. Ez dira harritzekoak Alemaniako ezkerraren ikurra zen Rosa Luxemburgen hitzak 1914ko Gerra Handia piztu bezperatan: "Gure anaia-arreba frantziarren kontra borrokatuko garela uste badute oker daude". Sozialdemokrazia europarrak ordea, patriotismoak bereganaturik gerra onartu zuen. Sar itzazu pote batean Syrizaren 2015eko amore ematea, Trumpen garaipena, Brexit-a... eta astindu: halako kommozioa eragin zuen iraultzaile marxisten artean gerraren aldeko erabaki hark.
Askoren ustez testuinguru horrek eragin handia izan zuen "gertaera leninista" jazotzeko, historiaren eboluzioa alda litekeela, alegia. 1917ko otsailean tsar-aren abdikazioa ekarri zuen iraultzaren ostean, apirilean, erbestetik bueltan Leninek Petrogradoko tren-geltokian hanka bat jartzerako esan zituenak harri eta zur utzi zituen bere kamaradak: Errusiak bakea behar zuen, iraultza ez zen amaitu.
Soldadutza ezartzeak herritar guztiak berdinak zirela aitortzea esan nahi zuen XIX. mendeko Errusian, eta teorian, morrontzaren amaiera. Jokaldiarekin, ordea, praktikan pobreak pobretu egin ziren eta jauntxoak izugarri aberastu
Lenin orduko egoera sozio-politikoa ulertzeko gai izan zen, baina oker dago pentsatzen duena hortik aurrerako prozesu iraultzaile guztia bere gidaritza soilez eta boltxebike gutxi batzuen ekimenez egin zitekeenik. Aurreko urte eta hamarkadetan herri xeheak pilatutako esperientziak eztanda egin zuen: "Masa mugimendu bat izan zen, egundoko bizitasuna zuen olatu bat, ikuspegi utopikoak inspiratua (...). Ez zuten interesik behin-behineko gobernuak aldarrikatzen zuen mendebaldeko printzipio demokratiko eta parlamentariorekiko. Autoritate zentralizatuari uko egiten zioten. Errusia osotik hedatu ziren langileen eta nekazarien tokiko sobietak". Errusiar iraultza hobekien ikertu zuen Edward Hallett Carr historialari kontsakratuaren hitzak dira.
Botere guztia sobietentzat! eta Bakea, ogia eta lurra! leloek arrakasta itzela izan zuten 1917ko apiriletik urrirako hilabete gorrietan, bai herritarren artean bai frontetik masiboki desertatzen ari ziren soldaduengan ere. Uztailean, adibidez, martxa ikaragarriak egin ziren anarkistek eta muturreko iraultzaileek akuilaturik. Boltxebikeek denbora tarte horretan hamar aldiz biderkatu zituzten euren afiliatuak eta Sobieten Kongresua antolatu zuten boterea hartzeko prest.
John Reed kazetariak Neguko Jauregia asaltatu zuten urriko hamar egun erabakigarrien kronika idatzi zuen. Igande batez Petrogradoko munizio fabrika batean antolatutako mitinean izan zen lagun batzuekin. Bere begiz ikusi ahal izan zituen 10.000 lagun, "gizon eta emakume, beltzez jantzita, egur eta adreilu piloetara igota, zutabeetatik zintzilik, izara gorri batez estalitako oholtzaren inguruan elkarren kontra estututa, kartsu eta adi, trumoiak bezain ozen garrasi eginez". Ordurako mundua dardarka ari zen, Hugh Thomasen "XX. mende laburra", 1917tik 1991ra iraun zuena, hastera zihoan. | news |
argia-a8a750833926 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/edorta-salvador-okina.html | "Elikagai integralentzat jatorrizko izendapena sortu beharko genuke" | Reyes Ilintxeta | 2017-03-26 00:00:00 | "Elikagai integralentzat jatorrizko izendapena sortu beharko genuke"
Ore amaz eginiko ogiaren eta ogi integralaren alde onak zabaltzen lan egiten duen okina da Edorta Salvador. Ogiari ospe txarra kendu eta industrializazio aurretik zeuzkan zaporeak itzuli nahi dizkion artisau berritzailea da.
Nondik datorkizu sukaldean aritzeko zaletasuna?
Txikitatik. Amak dioen bezala, denetik jaten nuen. Dena nuen gustukoa eta izugarri gozatzen nuen. Ama oso sukaldari tradizional ona izan da beti. Hemen lehengai izugarri onak ditugu, zapore handikoak, eta horregatik gure sukaldaritza tradizionala oso goxoa da espezia edo gehigarri asko erabili behar izan gabe.
Elikagai enpresa handi zenbaitetan aritu zara lanean. Nolako esperientziak izan dira?
Karrera amaituta Erriberako kontserba-fabrika batean hasi nintzen lanean tomateei analisi mikrobiologikoak, fisiko-kimikoak eta abar egiten. Handik ogigintza alorreko Nafarroako enpresa handienera, Panasara, joan nintzen. Han lantegi bateko ekoizpen arduradun izan nintzen. Baina lehen Panasa zena (Panaderías Navarras SA), 2011ko irailean eskuz aldatu zen. Beraz, enpresa hori jada ez da nafarra, Madrilgo kapital inbertsore batzuena baizik eta egun Estatuko bigarren ogi ekoizlea da, Kataluniako Europastry taldearen atzetik. Han zortzi urtez aritu nintzen, Londresera joan arte.
Nola irabazten zenuen ogia Londresen?
Ingelesa hobetzera joan nintzen eta han nengoela enpresa txiki bat antolatu nuen, Edorganic LTD, hemengo produktu ekologikoak hango bezeroei eramateko. Eskaera handia zegoen, eta hemen aldiz, oso krisi latza, beraz aukera ona zen. Nafarroa da nekazaritza ekologikoan estatuan proportzionalki gehien ekoizten duena. 1.300 produktuk dute ekologikoaren zigilua Nafarroan. 107 nekazaritza enpresa badira, kasik 50.000 hektarea lantzen dira eta 29 abeltzain ekoizle ari dira lanean. Beraz, erraza nuen: Pedro Luis eta Anko bezalako markako barazki kontserbak, Ekolo-ko zukuak, Joseneako infusioak, Uxueko Urrutia pastak, Artajoko olioa… produktu bete paletak antolatu eta Londresera eramaten nituen. Bezeroak oso pozik zeuden pakete bakoitzean denetik iristen zitzaielako. Lanbide oso ona da han biziz gero, baina nik Euskal Herrian bizi nahi nuen.
Han aurkitu zenuen ogi artisau zaletasuna?
Bai. Han berehala ikusi nuen hemengoa baino askoz hobea den ogia, ore amaz eginikoa, zaporeduna. Toki askotan saltzen dute. Gainera, oso modan dago nork berea etxean egitea eta ikastaro pila egiten dira. Eta pentsatu nuen: zergatik ez garatu Iruñean? Horregatik itzuli nintzenean Pan Baker zabaldu nuen.
Akademia antolatzen duzu zauden tokian zaudela?
Bai, hala da. Ni mugitzen naiz ikastaroak emateko. Bi urte hauetan Iruñerrian,Tuteran, Obanosen, Lodosan, Bilbon, Tafallan, baita Logroñon, Madrilen, Ibizan, Bartzelonan… leku pila batean aritu naiz ikastaroak ematen.
Argazkia: Dani Blanco.
Norbanakoak eta profesionalak formatzen dituzu?
Okindegiaren ekoizpen antolakuntzaren aholkularitza eta formakuntza zerbitzuak eskaintzen ditut okindegi txiki eta ertainentzat. Hori Euskal Herriko edozein tokitan egiteko prest nago. Hemen azkar mugi zaitezke Tuteratik Bilbora arazorik gabe. Lehenbiziko urratsa ebaluazioa egitea izaten da. Ondoren hobekuntzak proposatzen dira eta ore amaren eta beste zenbait produktu berriren garapena sustatzen dut. Aste gutxi batzuetan egiten da ibilbidea.
Zertan hobetu dezakete enpresa txikiek?
Hasierako lana egiten duten ogia hobetzea da eta gero, poliki-poliki, ikusiko dute zer ogi mota berri sartu nahi dituzten merkatuan. Hobe ogi mota gutxi eta onak, asko eta erdipurdikoak baino. Irin nahasketa desberdinak eginez eta itxura berriak emanez produktu sorta interesgarria lor dezakezu.
Basque Culinary Center-eko irakaslea zara.
2015-2016 ikasturtean hasi nintzen lehengaien materia ematen. Produktuak, jatorria, ezaugarriak, sailkapena… hori guztia da lehen mailako ikasgai honetan ikusten duguna. Oso gai oinarrizkoa da eta atsegina, aldi berean. Hainbat masterretan zenbait ikasgai ematen ditut, eta nola ez, ogi ikastaroak bai ikasleentzat bai Culinary Clubeko kideentzat ere.
Guk nolako harremana daukagu ogiarekin?
Jendea esnatzen ari da. Orain arte hemen zeuden enpresek egiten zuten ogia besterik ez genuen jaten eta zapore horretara ohitu gara. Jendea konturatu da ogiak ez daukala lehen zeukan kalitatea, nahiz eta ekoizleak ongi egiten saiatu. Mundu zabalean toki askotan dagoen ogi onarekiko zaletasuna hona iritsi da, hemen gelditzeko. Jendeak gero eta kontzientzia handiagoa du eta ogi ona erosi edo egin nahi du.
"Mundu zabalean toki askotan dagoen ogi onarekiko zaletasuna hona iritsi da, hemen gelditzeko"
Gero eta ospe txarragoa du ogi zuriak?
Bai, mediku eta nutrizionista batzuek diote osasunerako txarra dela eta loditzen duela. Ogi zuria ez da txarra, baina hobe da integrala, noski. Alabaina, ogi osasuntsuak ere lortu daitezke irin mota desberdinak nahastuz. Zalantzarik gabe gure digestiorako hobeak dira hartzidura moteleko ogiak. Ogiaren onurak aldarrikatu behar ditugu.
Eta glutena horren txarra da?
Orain badirudi glutena Satanas dela. Alde batetik zeliakoak daude, diagnostikoa daukate eta gariak duen gluten proteina ezin dute hartu. Bestalde, bada jendea intolerantzia duena. Ez dira zeliakoak, baina glutenak ez die onik egiten. Kontua da William Davis mediku estatubatuarrak Wheat Belly liburua argitaratu ondoren Miley Cyrus, Gwyneth Paltrow eta beste celebrity batzuek glutenik gabeko dietak modan jarri dituztela eta batzuek itsu-itsuan baztertzea erabaki dutela osasun arrazoirik izan gabe.
Ore ama zer da?
Urez eta irinez egindako hazkuntza-likidoa da, non zerealek berezkoak dituzten legamiak bizitu egiten diren. Legamia horrek ahalmena hartzen du gero ogiaren orea hartzitzeko. Altxagarri industrialik erosi behar izan gabe egiten dugu ogia horrela. Alde horretatik kefirraren antzekoa da. Zati bat kentzen duzunean ogi berri bat egiteko, irin eta ur pixka bat gehiago jartzen duzu hazkuntza-likido horretan eta horrela ez da inoiz bukatzen.
Ore amaren altxagarriak industrialak baino motelagoak direnez, kantitate eta denbora gehiago behar duzu emaitza ona lortzeko. Hartzidura prozesu motel horretan parte hartzen duten bakterioengatik garatzen dira zapore azidoak eta laktikoak. Horrek ematen dizkio zapore eta testura desberdinak gure ogiari. Ogi industriala egiteko hiru ordu baino ez dute behar eta horregatik zapore gutxiko ogiak dira. Ore amarekin lan egiterakoan tenperaturak eta atseden denborak errespetatu behar dituzu.
Horrela egiten zuten ogia gure aitona- amonek?
Farmazian legamia erosten zuten eta egindako oretik zati bat gordetzen zuten hurrengo egunetan ogia egiteko. Ore legamiaduna zen gordetzen zutena, baina ez ore ama edo hartzidurarako hazkuntza-likidoa. Guk naturatik zuzenean hartutako legamia erabiltzen dugu. Gariaren edo zekalearen azalean legamiak daude lotan. Ale osoa irin bihurtuta, ura jarriz gero legamia horiek esnatu egiten dira.
Etxean ez da egunero ogia egiten, horregatik ore ama hozkailuan gordetzen da prozesua moteltzeko eta denbora gehiago irauteko. Edo izoztu daiteke. Nik erabiltzen dudana, esate baterako, 2013ko uztailean egindakoa da. Irina beti berria da, baina hasieratik berdina da anduia.
Kalitatezko ogia zer da?
Kalitatea oso kontzeptu erlatiboa da. Industriek egiten duten ogia kalitatezkoa da eta kalitate arau guztiak betetzen dituzte, ISO, BRC, IFS eta dauzkaten zigilu guztiek frogatzen duten bezala. Ezaugarri organoleptikoez hitz egiten badugu, aldiz, kalitate hobea dute hartzidura moteleko ogiek eta harrizko errotetan ehotako irina dutenek. Zentzu horretan, ogi ona da zereal usaina duena, eta ez legamia usaina; ukitutakoan azala eta mamia irmoa eta aldi berean biguna duena. Ogi industrial askorekin gertatzen dena da mamia nahi duzula saltsa batean busti eta hor gelditzen zaizula, dena deseginda, papurtuta. Ogi on baten mamiak xurgatu egiten du saltsa eta hala ere kurruskari jarraitzen du jaten duzunean.
Unean egosten den ogiak ere goxoa dirudi mementoan…
Unean egositako azalaren usaina da gustagarri zaiguna, baina irekitakoan legamia usaina dario eta hozterakoan bigun gelditzen da, batere sendotasunik gabe. Horrelako ogiak erosten ditugunean barruko mamia kentzeko beharra sentitzen dugu desatsegina delako, eta gainera horrek bai, horrek loditzen du.
Argazkia: Dani Blanco.
Okindegi arruntetan saltzen den ogi integrala ona da?
Legeak argi dio zer den ogi integrala. 1137/1984ko errege dekretuak zazpigarren artikuluan dio ogi integrala bihi osoko irinez egindako ogia dela. Gaur egun irin zuriz egindako oreari zahia botatzen zaio, baina hori ez da integrala, zuntzez aberastutakoa baizik.
Zein da aldea?
Gari aleak hiru atal ditu: barruko mamia edo zuringoa, azalak (zahi-zabala eta barneko azalak) eta ernamuina. Ogi aberastutakoan irin zuria erabiltzen dute (alearen mamia) eta gero botatzen diote zahia, baina hirugarren osagaia, ernamuina, falta da. Azken hori oso aberatsa da B eta E bitaminatan, mineraletan, koipean, oinarrizko aminoazidoetan... eta bertan biltzen da bizi-indarra. Ernamuina landare berriaren sorburua da. Bihi osoko ogian, ogi integralean, dena dago.
Zergatik gertatzen da iruzur hori?
Ez dutelako batere kontrolatzen. Frantzian ogiak integrala izateko irin guztitik gutxienez %60 behar du integrala izan, bestela iruzurtzat hartzen da. Alemanian %90. Espainiar Estatuan %100 behar du, baina inork ez dio kasurik egiten. Gainera, hemen ogia saltzen duten denda guztiak okindegiak dira, nahiz eta ogirik ez egin. Beste toki batzuetan, Frantzian esate baterako, ezin du horrela izan.
Kontrolatu behar dutenek beste aldera begira jarraitzen duten bitartean, horrela jarraituko dugu. Iruzur ikaragarria da eta negozio handiak daude hemen. Elikagai integralak babestu behar dira. Jatorrizko izendapen bat edo horrelako zerbait sortu beharko genuke.
Eta erabiltzen den irina nolakoa da?
Nafarroan, adibidez, Harivasa eta Guria enpresak dira hemengo ia irin guztia egiten dutenak eta kalitate handiko produktuak merkaturatzen dituzte. Irin mota desberdinak erabiliz, ez soilik irin zuria, oso ogi onak lor daitezke. Bestalde, orain antzinako gari motak ari dira berreskuratzen, ez dute bolumen handia ematen hartzitzerakoan, baina oso zapore ona bai. Erriberan, esate baterako, bertakoa den Aragoi 0.3 mota deitzen dena ari dira ekoizten eta oso interesgarria da. Beste toki batzuetan, Asturiasen, adibidez, Escanda izeneko gari mota, espeltaren familiakoa ari dira lantzen. Gari mota horietako batzuek horren ale txiki eta gogorra dutenez, intsektuek ez diete kalterik egiten eta ez dago zertan produktu kimikorik erabili, horregatik ekologikoan ekoiztea oso bideragarria da.
Errotak ere garrantzitsuak dira?
Oso, harrizko errotarekin gari ale osoa ehotzen delako. Orain etxerako errota txikiak lortzea oso erraza da. Interneten asko saltzen dira.
Zein da ikusi duzun ogirik arraroena?
Daniel Jorda okin katalanak eginiko ogi bereziak, marrubizko txiklearen zaporea duen ogia edo mojito ogia adibidez. Arte Ederrak ikasita eta okin familiakoa izanik, bi zaletasunak elkartu ditu Jordak. Panes creativos (Sormenezko ogiak) liburua atera du eta oso lan polita egiten ari da hainbat jatetxetan.
Etorkizunean zertan ibiliko zara?
Ikerketan jarraitu nahi nuke, ogiari ospe txarra kendu eta merezi duen lekua berriz emateko. Industrializazio aurretik ogiak zeuzkan ezaugarri organoleptikoak berreskuratu behar dira. | news |
argia-118888f857a6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/koop-fabrika.html | Ekintzailetza beste begi eta esku batzuetatik | Lander Arretxea | 2017-03-26 00:00:00 | Ekintzailetza beste begi eta esku batzuetatik
Ekintzailetza. Gazteek (eta ez hain gazteek) urratu beharreko bide berria hori dela diote etengabe politikari eta enpresari elkarteen ordezkariek. Haien asmo eta nahietatik oso urrun ordea, beste eredu bat ari da garatzen: kolektiboa, tokiko sareetan antolatua eta eraldatzailea izan nahi duena. Hori sustatu, lagundu eta indartzeko lantegia da Koop Fabrika.
Hutsetik inperio bat eraiki zuten gizon zuri aberatsak, Sillicon Valley, start-up-ak, naziorteko konferentziak. Oraindik ere horrelakoak etortzen zaizkigu burura ekintzailetza eta enpresen sorrera ahotan hartzean. Baina lana aurkitzeko zailtasunak hain ohikoak diren honetan, ez dira gutxi bizitza eta lana uztartuz proiektu propioa martxan jartzea buruan dutenak. Hori guztia ikuspegi neo-liberaletik kanpo garatzeko baliabideak eta erreferenteak falta izan dira ordea. Bai, behintzat, orain gutxi arte.
2015ean abiatu ziren Beterri-Buruntzaldeko Kooperatzen eta Bergarako Berrekin Berregin ekimenak ; eskualde desberdinetan baina kezka bera oinarri. Aurten, biak batu, Oarsoaldera ere zabaldu eta Koop Fabrika sortu dute: "Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa". Edo modu lurtarragoan esanda: gizartea eta euren bizitzak eraldatzeko proiektuak martxan jarri nahi dituztenak laguntzeko eta sarean aritzeko tresna.
Izaera ezberdin askotako eragileak elkar ulertu eta helburuak konpartitzearen ondorioa da Koop Fabrika. Pentsa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzaldeko udalak eta Oarsoaldea garapen agentzia ari dira elkarlanean.
Aran Erasun:
"Zerbait berria abiatzeko testuinguru emozionala eman dit lantegiak"
Lanki Ikertegiko kidea da Arianne Kareaga, eta dioenez, programa hiru fasetan banatu dute. Lehengoa, formaziora bideratu da, otsailetik apirilera bitarte martxan dena. Bertan, parte-hartzaileek saio teorikoak eta proiektuaren asmoetan sakontzeko saio praktikoak uztartzen dituzte. Atal hori hiru eskualdetan banatuta egiten da, baina hainbat bisita eta saio egiteko denak elkartzen dira maiz. Bigarren fasean, apiriletik aurrera, proiektuei jarraipena eta tutoretza espezifikoak egingo zaizkie, ideiatik ekintzara igarotzen laguntzeko. Azkenik, hirugarren fasean, eskualde bakoitzeko eragile ekonomiko eraldatzaileen artean sareak nola sortu landuko dute. Horrekin elkar ezagutu eta lankidetzan aritzeko espazioak eskaini nahi dituzte, baita ekonomia alternatibo antolatuagoa osatzeko urratsak ematen lagundu ere.
Badago aldea
Badago aldea. Hala dio Koop Fabrikaren lehenengo edizio honetako leloak. Gaur egun nagusi den ekintzailetza eredutik aldendu nahi dutelako aukeratu dute, Beñat Irasuegi Olatukoopeko kidearen arabera. "Esparru gehienetan bultzatzen den eredua arrakasta indibidualarena da: ideia genial bat sortu, eta denbora azkarrean aberasteko aukera ematen duena. Baina gezur hutsa da hori. Guk uste dugu territorioetako beharretatik abiatuta, posible dela langileek beraien lanaren jabe egiteko eta euren bizitzak modu duinean eraikitzeko proiektuak martxan jartzea". Horretarako, proiektuen dimentsio soziala lantzea, modu kolektiboan egitea eta beste proiektuekin elkarlana ezinbestekoa dela dio.
Proiektu sozial eta kolektiboen denborak ez dira beti laburrak. Horregatik, formazioan proiektuen bideragarritasuna lantzeaz gain, beste elementu bat ere aztertzen dute: bizigarritasuna. "Gure ikasleek sortuko dituzten proiektu asko beraien bizi proiektuak izango dira, eta beharrezkoa da kideen arteko zaintza eta elkartasuna lantzea".
Aldea badagoela erakusten duen beste ezaugarri bat prozesu osoan sarean egiteari ematen dioten garrantzia dela uste du Irasuegik. "Ekintzailetza tradizionalean merkatua da proiektua sustengatu edo desagerrarazten duena. Guk ordea uste dugu proiektuak behar bati erantzuten badio, tokiko sarean eta merkatu sozialean aurkituko duela bideragarritasuna eta bizigarritasuna lantzeko eremua".
Testuinguru emozionalaren garrantzia
"Ez nuen espero akonpainamendua hain gertukoa izatea. Gainera, ekonomia sozialetik abiatzea oso ondo etortzen zaigu, gure ideia ikuspegi horretatik bakarrik ulertzen delako". Paloma Alicia Martinezen hitzak dira. Mexikon jaio eta Aretxabaletan bizi da, eta inklusioaren alde lan egiten duen Gu Haziak Gara elkarteko kide da. Insertzioa landuko duen enpresa bat sortzekotan daudelako eman zuen izena Koop Fabrikan. Jasotako formakuntzaz gain, proiektua lantzeko espazio bat eta denbora eman diolako dago pozik hartutako erabakiarekin.
Aran Erasun hernaniarra ere ari da Koop Fabrikaren lehenengo edizio honetan parte hartzen. Coachinga eta honekin loturiko formazioa baliatuz emakumeak ahalduntzeko programa da esku artean duen egitasmoa. Proiektua zehazteko eta aberasteko bitartekoak (metodologikoak, teorikoak…) eskaini dizkiola dio, baina ez hori bakarrik. "Horrelako aldaketa fase batean murgiltzeko eta zerbait berria abiatzeko beharrezko testuinguru emozionala ere eman dit. Parte hartzen ari garen guztiok elkar entzun eta bidea konpartitzea oso baliagarria da".
Tutoreen formazioa
Aurtengoa lehenengo edizioa da, baina itxura guztien arabera, ez da azkenekoa izango. Eskualde gehiagotara zabalduko bada, proiektuak laguntzeko gaitasuna duten pertsonak ezinbesteko izango dira. Hori dela eta, "tutoreen formazioa" izeneko ikastaro laburra ere jarri dute martxan. Denera, 30 lagun ari dira horretan. Tartean badira udal teknikariak eta garapen agentziatako langileak, baina baita elkarte eta kooperatiba txikitako kideak ere. Oso ekimen garrantzitsua dela dio Kareagak. "Euren esperientzia propioak dituzte eta horietatik irakaspen asko atera ditzakegu. Era berean, arlo batzuetan formazioa jasotzea eta debatea zabaltzea beti da aberatsa. Irudipena dugu etorkizunean sareak josteko eta lankidetza artikulatuago bateranzko urratsak emateko ereiten gabiltzala".
Hiru eskualdetan hasitakoa laster zabalduko dela dirudi, interesa duten eragileen eta eskualdeen eskaerak iritsi baitzaizkie dagoeneko. Dena den, eskualde bakoitzean modu ezberdinean garatu daitekeela uste du Irasuegik, eta ziurrenik, hori dela onena. "Tokian tokian sortuko diren harreman ekonomiko eta sozialen sare moduan irudikatzen dut etorkizuneko Koop Fabrika". | news |
argia-4ff8f477cbbe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/ilargiaren-eragina.html | Biraka dabilen fenomenoa | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2017-03-26 00:00:00 | Biraka dabilen fenomenoa
"Bizitza modernoak itsu bilakatzen gaitu ilargiaren eraginen aurrean. Mitoa zena, zientziak frogatu du gerora. Izan ere, egunero ikus ditzakegu errealak diren efektuak gure bizitzetan", dio Michel Gros idazle eta nekazariak. Egunero ikusten dugu ilargia, baina ezagutzen al dugu?
Ilargiak Lurrari eragiten diola erakusten duten frogak ardatz, Ilargiaren Egutegia osatu dute Alkartasuna Kooperatibak, ENEEK Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eta ARGIAk. "Lurra da guztiaren oinarri. Lurrak berak lantzen ditu ortuak eta abereak. Naturarekin bat lan eginez gero, kalitatezko produktuak lortuko dira", diote. Lurrak eta baratzeak nola eta noiz landu aholkatzen du egutegiak, ilargiaren eta eguzkiaren eragina oinarri hartuta.
Askotan bilatzen da ilargi betea, baina eraginkorragoak dira prozesuak: ilgora eta ilbehera. Ilgoran, ilargia betetzen ari denean, eguzki eta ilargiaren indarrak gorantz egiten dute. Baratzean lur azpikoak hartuko luke indarra eta ereiteko, belarra ebakitzeko, ontzeko, fruitua biltzeko eta txertatzeko, besteak beste, egokiak dira. Ilbeheran, ilargia husten ari denean, beherantz egingo du indarrak, eta sustraiak sendotuko dira. Landatu, kimatu, moztu, simaur lanak egin eta lurra lantzeko garaia da, besteak beste.
Eta gure gorputzengan, ba al du eraginik ilargiak?
Michel Gros idazle frantziarrak urtero argitaratzen du Calendrier lunaire liburua. Ilargiak esparru desberdinetan nola eragiten duen azaltzen du: mareak, landareak, animaliak... eta tartean giza-gorputzean: "Ilargiak mareak baldintzatzen ditu, baina baita gure desira, instintu eta umorea ere".
Grosek hainbat adibide ematen ditu. Ilbetearen aurreko egunetan gorputzeko melatonina hormona murriztu egiten dela kontatzen du, eta horrek logura kentzen duela. Izan ere, loarekin lotura duen garuneko jarduna %30 murrizten da. Ilargiaren zikloak norberaren sentsibilitatearen arabera nabarituko ditugula gehitzen du.
Ilargiaren Egutegian landareak kimatzeko garaiak azpimarratzen diren bezala, Grosek ilea mozteko egun egokiak zeintzuk diren nabarmendu du. Ilbeheran moztuz gero, gehiago kostako zaio berriro irtetea: "Egun aproposean depilatuz gero, bi astez luza daiteke ilea hazteko prozesua". Ilearen logika bera jarraitu du azazkalekin ere.
Ebakuntza kirurgikoen kasuan, ilargiaren eragina sendatze prozesuan islatuko dela dio Grosek. Gorputzeko atal bakoitza ikur zodiako batekin lotzen du. Ilargiak atal bat estimulatuko du sasoi bakoitzean, eta eragingarriagoa bihurtu. "Urgentziazkoak ez badira eta data aukeratu badaiteke, ilargiaren baitakoa izatea aholkatzen dugu. Orbaintze hobea eta osatze azkarragoa ekarriko du". Masajeak emateko ere baliagarria dela dio.
Elikadura: Garaian garaikoa
Elikadura litzateke kontuan hartzeko beste elementu bat, ziklo desberdinetan ez baititugu jakiak berdin onartzen. "Ilgoran hobe digeritzen dugu", dio. Era berean, garaian garaikoa jatera gonbidatzen gaitu. "Elikagaiak kontrolatuta gorputza kontrolatuko duzu".
Emozioez ere idatzi du. Ilberrian garunak autokontrol handiagoa daukala dio, sena eta naturaltasuna gailenduko direla. Era berean, energia fisikoa murriztuko da. Ilgoran, subjektibitatea eta sormena gailenduko dira. Gorputza harberagoa izango da: elikadura, jakinduria... Ilbetea, kontzientzia eta hausnarketarako garaia omen da; asko eragingo du fisikoki. Eta ilbeheran, objektibitatea eta ekintza nabarmentzen ditu. Desintoxikaziorako baliatzea aholkatzen du. | news |
argia-2bedace9f7a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/baserriko-lanak-eta-etxekoak-batzen-direnean.html | Baserriko lanak eta etxekoak batzen direnean | Garazi Zabaleta | 2017-03-26 00:00:00 | Baserriko lanak eta etxekoak batzen direnean
Lehen sektoreko emakumeen egoeraz hausnarrean aritu dira Arabako bost eskualdetan –Gasteiz, Arabako lautada, Aiara, Trebiñuko konderria eta Arabako Errioxa– otsailean zehar. UAGA nekazarien elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, Arabako emakume nekazari eta abeltzainak, landa munduko protagonistak izenburupean.
Jardunaldien helburuetako bat Arabako Udalei, Kontzejuei, Kuadrillei nahiz bestelako erakundeei lehen sektoreko emakumeen egoeraren berri ematea izan da, Blanca Sanchez UAGAko teknikariak azaldu digunez: "Urteak daramatzagu sindikatuan lehen sektoreko emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean. Jardunaldien helburua emakume horien ikusgarritasuna eta aitortza bultzatzea ez ezik, hausnarketari bide ematea ere bazen".
Gogoeta bultzatzeko landa eremuan lanean diharduten emakumeen argazki erakusketa eta bideoa eraman dute herrietara. Hainbat emakume nekazarik kezka agertzen dute bideoan, gizarteko zati handi batek oraindik zalantzan jartzen baititu beren gaitasunak: "Traktorea gidatzea, inaustea edota jeztea emakumeen lanak? Bai zera!", entzuten dute.
Ikus-entzunezkoez gain, bi hitzaldik osatu dute jardunaldia. Sanchezek berak emana lehena, sektoreko emakumeen egoerari buruzko datuen eta legeen inguruan. Bigarrena, berriz, toki bakoitzeko emakume nekazari edo abeltzain batek eman du, bere bizipenak kontatuz.
Aitortza sozioekonomikorik ez
"Beste edozein sektoretako emakumeek dituzten arazoez gain, lehen sektoreko oztopo gehigarrietako bat da kasu gehienetan etxeko lanak nekazaritza lanekin nahasten direla", azaldu digu Sanchezek. Alegia, familiako ustiapenetan dena etxe berean egiten dela, eta emakumeak izan ohi direla bi lanak egiten dituztenak. Gainera, aitorpen sozioekonomikorik ez dute izaten kasu askotan, eta horrek gizarte-segurantzan ez kotizatzea eta nekazaritza-abeltzaintzako profesionaltzat ez hartzea dakarkie.
Lehen sektoreko emakumeen aitortzan aurrerapenak egin direla izan da jardunaldietako ondorioetako bat, baina lege aldetik egindako aurrerapenak askotan hitzetan gelditu dira, Sanchezen arabera. "Legeek ez dituzte behar adina emaitza ekarri, horiek martxan jartzeko nahikoa aurrekontu eta neurri bideratu ez direlako". Asko dago egiteko, zentzu horretan, teknikariaren ustez. | news |
argia-ec2b47e9cf70 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/olatukoopeko-kide-egin-da-argia.html | Olatukoopeko kide egin da ARGIA | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-03-26 00:00:00 | Olatukoopeko kide egin da ARGIA
Ikusten al duzu goiko irudian xelebre koadrila hori, irakurle? Indar bereziak batzen ari omen dira, hala aldarrikatzen dute bilera bakoitzaren bukaeran, eta lotsa gutxirekin sare sozialetan zabaltzen dute argazkia gainera. OlatuKoopekoak dira, bai. Eta ARGIA kide egin da, bai. Beraz, hurrengo batean beti horren gai sakon eta serioak lantzen dituzten ARGIAko kazetariren bat hor tartean ikusten baduzu, ez harritu; sektara gehitu direlako da.
Onartu beharra diegu, baina, argazki horiek ateratzea alde batera utzita, hausnarketa garrantzitsuak egiten ari direla ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan eta praktikan jartzen ari direla alternatibak. Irabazi ekonomikoen gainetik pertsonak eta bizitza erdigunean jartzea du oinarri ekonomia sozial eta eraldatzaileak, langileak dira enpresaren eta erabakien jabe, boterea modu demokratikoan kudeatzen da, eta izenak berak esaten duen bezala lehen lerroan jartzen du gizartea eraldatzeko bokazioa.
Ekonomia eta ekintzailetza ekonomikoan modu eraldatzailean jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute OlatuKoop sarea. Sinetsita daude Euskal Herriak ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako olatu kooperatibo berri bat behar duela, eta horretarako alde batetik lehendik herri honetan izandako ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibismoaren memoria modu integralean berreskuratu beharra dago, horrekin batera gaur egun martxan diren proiektuak bistaratu eta josi nahi dira, eta bestetik, norabide horretan eragingo duten proiektu berriak landu eta sustatzea da helburua.
Benetako eraldaketa sozial eta ekonomikoa egungo botere harreman bidegabeak botere harreman parekideekin ordezkatuz bakarrik lortuko dela ulertuta sartu da ARGIA ere enpresa/proiektu/komunitate sare honetan. Gogoratu ARGIA bera ere 1980tik langileen esku dagoela, eta ordutik ari dela filosofia honetan lanean, txikitik eta pixkanaka pausoak emanez. Beste pauso bat gehiago, beraz. | news |
argia-e46fc3dea6b7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/kapitalismo-berdearen-noraeza.html | Kapitalismo berdearen noraeza | I�aki Barcena | 2017-03-26 00:00:00 | Kapitalismo berdearen noraeza
Ipar Amerikako kritiko marxista Frederic Jamesoni leporatzen diote esaldi esanguratsu hau: "Errazagoa dugu munduaren bukaera irudikatzea, kapitalismoarena baino". Ez zaio arrazoirik falta. Non dago koska? Kronologian edota iraunkortasunean ez behintzat. Kapitalismoa eredu ekonomiko berria duela 300 urte inguru abiatu zen. Denbora urria, gure jendarteen historian.
Etsai indartsuen falta ere, ez du izan. Teoriko eta iraultzaile antikapitalista ugari ezagutu ditugu. Hastapenetan ludditak, makinismoaren aurka altxatzen ziren artisauak, baina gero mundu osoan ezagutu ditugun langile sindikalistek, emakumeak ahaztu gabe, mugimendu indigenak eta nazionalak, planeta osoan kapitalismoaren amaiera bilatu dute.
XX. mendeko iraultza sozialistak, batez ere duela mende bat boltxebikeek gauzatu zutena, ez dira gauza izan kapitalismoa gainditzeko eta egun bizpahiru herrialde kenduta kapitalismoak beste guztietan dirau bere krisiekin. Nago, kapitalismoaren "erresilientzia"k muga ekosistemikoetan topatu duela bere akabera.
Natura eta bere zikloak kapital berri bihurtuz, naturaren prozesu ekosistemikoak ere finantziazioan eta merkataritza dinamiketan sartuz, krisi ekologikoaren soluzioa iragarri dute
Yayo Herrero lagun ekofeministak dioenez, pairatzen ari garen krisia ez da ekonomikoa edo ekologikoa bakarrik, zibilizazio krisi bati aurre egiten ari gatzaizkio (ikus La gran encrucijada ). Ikuspuntu ekologiko batetik, XXI. mendean sarturik, dinamika edo krisiaren kausa nagusi bi sumatzen ditugu: bata aldaketa klimatikoa (beroketa globala, ozeanoen azidifikazioa, ekosistemen eta gizarte hondamendiak) eta bestea petrolioren gailurra (lurrean zegoen petrolioaren erdia erreta, energia merkearen garaiak amaitu dira).
Garapen sostengarriaren leloa agorturik, ekokapitalismoa edo ekonomia berdea asmatu berri dute irtenbidetzat. Natura eta bere zikloak kapital berri bihurtuz, naturaren prozesu ekosistemikoak ere finantziazioan eta merkataritza dinamiketan sartuz, krisi ekologikoaren soluzioa iragarri dute. Ez, orain arte bezala, energia eta materialen merkataritza librea medio, CO2ren isurketak eta aldaketa klimatikoaren arriskuak hartuz baizik, baso eta oihanen zerbitzuak eta bestelako naturaren "zerbitzuak" ikusezinezko eskuetan jarriz, krisi ekologiko/ekonomikoa gaindituko da, kapitalista berdeen ustez.
Aldiz, Daniel Tanuro ( El imposible capitalismo verde ) sindikalista belgikarrak ekokapitalismoaren kontraesanak azalarazi ditu. Etekinen pilaketa eta produkzioaren hazkundea baldin bada helburu nagusia, krisi klimatikoa bizkortuko da. Beroketa globala jaisteko, produkzio gutxiago eta lokala behar dugula dio. Eta burura etortzen zaizkit Petronor, erraustegiak eta AHTren proiektuak. Katu kapitalista, erbi ekologistatzat saldu ez, mesedez! | news |
argia-cd738e2499bd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/beiruteko-egoitza.html | Palestinako diasporaren entitate politiko berria | Aitor Bikandi | 2017-03-26 00:00:00 | Palestinako diasporaren entitate politiko berria
Herritik at bizitzera behartuta dauden palestinarren biltzarrak erakunde politiko berria eraiki du. Luze iraun duen Palestinarren Askapenerako Erakundearen (PAE) utzikeria konpontzeko ardatza osatu nahi dute, baita Israelen okupazio politikaren aurkako estrategia suspertu ere.
Istanbulen bi egun bilduta egon ostean, Atzerriko Palestinarren Biltzarrean bildutakoek diaspora palestinarraren eskubideak sakontzearen alde egingo duen entitate politikoa eratu dute. Ez Palestinarren Askapenerako Erakundea (PAE) ordezkatu eta baztertzeko ideiarekin, berau osatu eta Israelen okupazio politikaren kontrako estrategia bultzatzeko baizik.
1964an sortu zuten PAE, garai zeharo desberdinak ziren. Orduan Gamal Abdel Nasser Egiptoko lehendakariaren irudia nagusi zela, Liga Arabiarraren eta Palestinako sindikatu, gazte erakunde, errefuxiatu eta erakunde feministen parte hartzearekin batera izan zen osatua. Oraindik ere, Palestinan bertan zein errefuxiatu guneetan ere hain presente dagoen Yasser Arafatek eta Fatah-k eskuratu zuten erakundearen lehendakaritza; 1969. urtean. Hirugarrena izanagatik, gogoangarriena izan zen Arafat, berea izan baitzen 1993an Osloko Akordioak sinatu zituen eskua, baita Bill Clintonen aurrean Shimon Peresi bostekoa emateko luzatzen lehenengoa ere, oraindik historia horren guztiaren galtzaileek begi txarrekin ikusten duten keinua.
Intifadak gainditzeko hitzarmena
Nazioartean hitzarmena goraipatu eta Intifadak atzean utziko zituen adoste gisa irudikatua izan zen. Bakearen aldeko arrakasta handiko akordioa erdietsi zenaren ideia hedatu nahi izan bazen ere, denborak bestelako joerak berrezarri zirela berretsi eta ondorio latzak ekarri zituen palestinarrarentzat. Besteak beste, palestinar lurralde historikoaren %78ri uko egin eta gainontzeko %22an bizitzea onartzearekin batera, Israelek 1948an erasoaldiarekin hasitakoaren ostean jarraiki okupazio eta kolonizazio proiektuarekin aurrera egin zuen, garbiketa demografikoaren bideari ekinez, gaur oso esanguratsua den 700 kilometroko harresiaren irudiak estrategia hori ezin hobeto irudikatzen duela.
Eraginak mediatikoki ikusgarriak izan direnean, 2011 eta 2014ko erasoaldiak kasu, luze eta zabal izan dugu gertakarien berri, baina okupazioaren eraginak hainbat mailatan jazotzen dira eta esparru guztietan dute presentzia, Palestina barruko zein kanpokoentzat saihestezinak diren errealitateek okerrera egiten dutela eta egunerokotasunak amaierarik gabeko zigorra dirudiela.
Besteak beste, hain zuzen Fatah-ren buruzagitzapeko PAEri egiten dio Atzerriko Palestinarren Biltzar honek kritika, Israelgo armadari bakarrik men egiten dion buruzagitza sortu izanagatik. Biltzarraren azkenengo adierazpenean, Anis Al-Qasem legedian adituak PAEko lidergoari leporatu dio Palestinaren eskubide historikoak xahutzea, okupazioa eta palestinarren sufrimendua luzatu eta sakondu dituzten Israelekiko hitzarmenetan.
Hala ere, PAEren euskarri gisa aurkeztu du bere burua oraindik izenik ez duen entitate politiko berri honek, Ribhi Halloum, PAEko enbaxadore ohiaren esanetan, "PAEren euskarri izan nahi duen estruktura eratzen saiatzen ari gara", ideia ez da beraz alderdi berria sortzea, baizik eta palestinar guztien parte hartzera irekita egongo den erakunde independentea eraikitzea. Fatah-k PAEren kontrako erasotzat jo du Biltzarra, palestinarrak banandu nahi dituen ekimena dela egotzita.
Egoitza Beiruten
Egoitza Beiruten finkatzea erabakitzeaz aparte, biltzarrean ezarri diren helburu nagusiek hurrengo ideiak hartzen dituzte barne: aipatutako Israel eta Palestinaren arteko Osloko Akordioak indargabetzea; palestinar guztiak hobeto ordezkatuko dituen PAEren berregituraketa; eta demokratikoki hautatutako Palestinako Nazio Kontseilua, alegia, PAEren erbesteratutako erakunde legegilearen eraketa.
Duela hiru aste, Teheranen egindako Palestinako Intifadaren Aldeko Nazioarteko VI. Konferentzian, Hezbollah-k Irango Errepublika Islamiarrak "Palestina ez duela ahaztu" esan du; Libanoko errefuxiatu palestinar eta siriarren egoera okerrera doa; Siriako gudaren ziurgabetasunak dira; BDZ, Israelen apartheidaren kontrako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina pil-pilean dago; Trumpen Ameriketako Estatu Batuek Ekialde Hurbileko politika aldatzeak ere eraginik izango du... Testuinguru horretan, nork bere buruari Ekialde Hurbilean aldaketa sakonen garaian ote gauden galdera egitea halabeharrezkoa dela dirudi. | news |
argia-f0662646f699 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/hilbeltza.html | Urte osoa irauten duen nobela beltzaren astea | Miel Anjel Elustondo | 2017-03-26 00:00:00 | Urte osoa irauten duen nobela beltzaren astea
Nobela beltzaren inguruan askotariko ekitaldiak antolatu ohi dituzte urtarrilarekin zazpi egunez, webgune ondo betea dute urte osoan, eta orain berriz, (H)Ilbeltza beka aurkeztu dute. Aste izatetik urte izatera bidean da Baztango (H)Ilbeltza.
Orain hiru urte abiarazi zuten asmoa Baztanen: (H)ilbeltza, nobela beltzaren astea. Harrezkero, genero beltza ardatz hartu eta hitzaldi, mahai-inguru, aurkezpen, ibilaldi, bertso-saio eta gainerako, hainbat ekitaldi diferente antolatzen ari dira. Trebatuak dira lanean, herri mugimenduetan zailduak, eta nobela beltzaren asteari lotu zitzaizkiolarik, jakinaren gainean ari ziren, bazekiten nondik eta nora behar zuten. Orain baino lehen esana du antolatzaileetakoa den Elurre Iriartek: "Literaturak aukera ederrak ditu kritika soziala egiteko, eta literaturaren barnean, nobela beltzak du, batez ere, kritika sozial hori egiteko aukera. Hori da guri interesatzen zaiguna, gizarte kritika. Eleberri beltzetan hor da beti ustelkeria, hor da beti azpimundu hori, arras iluna, neketan ikusten dena".
Loidi eta Izeta, Redondo baino lehen
Menturaz, Dolores Redondo idazleak bere nobela arrakastaz bezainbat gaztelaniaz beteak Baztanen kokatzeak ere zirikatu zituen beren txokoan aski isilka ari ziren aipatu bailarako irakurleak. Ez zuten gustura hartu asots handi hori eta, hein batean, hari erantzuteko ere sortu zuten nobela beltzaren astea. Minbera ere baziren. Behin eta berriz eta aunitzetan Elurre Iriartek esana dakigu: "Badirudi orain deskubritu dugula Baztan, eta orain deskubritu dugula nobela beltza! Erakutsi nahi izan dugu Baztan hemen zela aspaldidanik, eta gainera, nobela beltzarekin ere izan duela lotura. Hor da, errateko, Elizondoko idazle Mariano Izetak eskribitu zuen nobela beltza, Dirua galgarri , euskarazko literaturaren historian bigarren nobela beltza, alegia. Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen famatuaren ondotik Izetarena etorri zen".
Elurre iriarte (antolatzailea):
"Erakutsi nahi izan dugu Baztan hemen zela aspaldidanik, eta nobela beltzarekin ere izan
duela lotura"
(H)ilbeltzan ez dira debaldetan ari, eta Loidi eta Izeta, hara hor bi izen Baztango nobela beltzaren astean goraki ospatu dituztenak. Bigarren edizioan izan zen, 2016an: batetik, Jose Antonio Loidiri omenaldi eginez, idazle zenaren arreba ehun urteko Anjelita gonbidatu zuten hizlari, eta bestetik, Izetaren lana berrargitaratu zuten Baztango Udalak lagundurik. Horiekin batera, hor dira Gotzon Garate zenak Baztanen kokatu zizkigun lanak; hasteko, Esku leuna eta Elizondoko eskutitzak . Bestalde, bertan eman zituen aldietan eskribitu zituenak ditugu Izurri berria , neurri handian Sunbillako Ixtola baserrian egina, eta arestian aipatu dugun Elizondo eskutizak , Arizkungo Iriarte etxean ondu baitzuen Garatek.
Irakurleek abiatutako esperimentua
(H)ilbeltzaren hasmentan irakurleak dira, haietatik etorri da astea. Irakurle horiek zortzi urte zeramatzaten irakurtzen eta "Idazleekin solasean" kanpainaren bat egiten. Honetaz eta hartaz solasean beti, nobela beltzaren gainean jardutea bururatu zitzaien, zer edo zer egitea.
Hasieran, hitzaldiren bat edo asteburu batean zerbait egitea ibili zuten gogoan, baina fite konturatu ziren aste oso bateko egitaraua osatzeko lain ideia zutela, denak nobela beltzaren inguruan josiak. Hasi ziren, beraz, zer etorriko zen ez zekitela. "Ia-ia esperimentua izan zen lehen edizio hura", Elurre Iriartek esanda dakigunez. 2015eko urtarril ilbeltzean hasi ziren eta handik hona hiru urte egin dituzte, eta, oker esateko beldurrik gabe, pisua irabazi du (H)ilbeltzak, presentzia irabazi du nobela beltzaren asteak Euskal Herrian egiten diren literatur ekitaldien barnean. "Gurea, negukoa. Eako Poesia Egunak dituzu udan, Zarauzko Literaturia udaberrian, Durangoko Azoka neguan…", Iriarteren hitzetan beti.
Liburuen inguruan biltzen diren irakurleak ez dira, ordea, bakarrik ari Baztanen. Bertako eta kanpoko, irakurle andana biltzea lortu dute bailarako herrietan nobela beltzaren karietara hots egin dituzten ekitaldietara. "Astegunetan Baztango jendea biltzen da gehienbat, eta hori nahi genuen. Bertzalde, badugu irizpidea: bateko eta bertzeko herrietan egitea ekitaldiak. Batean izanen da Arizkunen, bertzean Anizen, hurrengoa Erratzun, Berroetan, Elizondon, Lesakan edo bertze nonahi. Eta Baztango jendea mugitzen da harat-honat". Aste hondarren, bistan da, baztandarrekin batean biltzen dira batik bat arrotzak, zazpi euskal herrietatik bailarara joandako jende eta jendakiak.
Herri mugimenduetan zaildutako jendea ari da urtero (H)Ilbeltza antolatzen. Bazuten esperientziarik, eta nabaritzen da: denbora gutxian euskal literaturaren zaleentzat erreferentziazko zita bihurtu da Baztangoa.
Astea? Urte osoa!
Nobela beltzaren astea ez da, ordea, zazpi egunekoa. (H)ilbeltzakoak beti ari dira, beltzetik beti, agerian beti, eta ilbeltza.eus webgunea dugu froga. Molde guzietako edukiz bete dute sareko egoitza, bertan dira nobela beltzaren astearen aitzakian egindako hitzaldi eta solasak, baina baita hortik eskapo egindako elkarrizketak, eskribitutako saiakera motx gisako gogoetak eta bestelakoak. Inor izatekotan, (H)ilbeltzakoak saiatu dira bide berriak urratzen, euskarazko literaturaren leihoa are gehiago zabaltzen, nobela beltzaren haritik tinko tiraka, beti Baztanen, hiriburutik aparte.
Horretaz oharturik ari zen Aingeru Epaltza iaz, Noticias de Navarra egunkarian "Beltz" zutabea eskribitu zuenean eta Iruñean antolatua zuten beste jardunaldi bat ere, gaztelaniazkoa, hizpidera ekarrita: "Aurten ere Pamplona negra-rekin lehiatu beharko du gaurdanik [(H)ilbeltzak], desabantaila nabarmenean. Baluarteko dotoreziatik eta glamourretik Arizkungo edo Iruritako aretoetako xumetasunera dagoen tarte bera, edo handiagoa, dago euskal eta erdal sistema literarioen artean. Tamainan ez ezik, irakurzaleen eta kazetarien artean ere. Horrek are eskergarriago egiten du (H)ilbeltza bezalako ekimenetan lana beltz egiten dutenen ahalegina". Hiru urte honetako ibiliak erakutsi duenez, ordea, glamourraren soufflea hutsa da barrutik, eta, aldiz, mamiz betea 2015ean Baztanen antolatzeari ekin zioten nobela beltzaren astea. Nafarroako hiriburuko dotorezia axal horiek eta batzuen eta besteen tamainak gorabehera, harrera beroa egin dio euskara jendeak Baztango (H)ilbeltzari, eta jabetuak dira horretaz ekimen beltzaren sortzaileek. Ez alferretan zioen Maitane Maritorenak Xorroxin irratiak egindako elkarrizketan: "Hirugarren urtea dugu, baina erreferentzialtasun handia lortu dugu".
(H)ilbeltza beka
Lanak ongi egiten ari dira, bai: irakurleak biltzen, idazle eta era guztietako sortzaileak erakartzen, irudimen haize berriak erabiltzen, auzolanean, ereduzko ekimena gauzatuz Baztanen herritarren eta bailara mailako agintari politikoen artean. Esaterako, elkarlanaren ondorio bikaina begitantzen zaigu (H)ilbeltzak eta Baztango udalak azkena jakinarazi dutena, hau da, (H)ilbeltza beka, Txalaparta argitaletxearen laguntzaz bideratua, "euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz". Oinarrien berriak arestian aipatu ilbeltza.eus atarian diren arren, esan dezagun 6.000 euroko saria duela bekak, gutxienez 145.000 karaktereko lanak agindu dituztela, eta ekainaren 23a baino lehen aurkeztu behar dela lanaren lagina Baztango Udaleko erregistroan. Abian da beka, (H)ilbeltzak ekarri duen azken berria da, oraingoan batere ez beltza.
Nobela beltza aitzinatzeko bidea izan liteke. Ikusi arte, ezin esan hala izango den. Orain bi urte nobela beltzaren astean egindako mahai-inguruan galdera bera erabili zuten Itxaro Borda eta Jon Alonso idazleek. Imanol Ibaigarriaga irakasle eta blogariari arranondo.com-en leituz jakin dugu: "Itxaro Bordaren iritziz [su etenaren] momentu berri honek indarrak egunerokotasunean finkatzea ekarriko du (…) hiritarren gehiengoaren errealitate sozio-ekonomikoari dagokion eleberri beltza nagusitu ei liteke (…) Jon Alonsoren ustez, berriz, duela hogeita hamar urte euskal nobela beltza eskribitzea posible zen ala ez eztabaidatzen bazen, gaur egun irakurlego kopurua dezente hazi denez, eleberri beltza posiblea izateaz gain, aurrerantzean gizarte beraren aldaketak be jasoko ditu". Ikuskizun da hori. Bitartean, bidean da (H)ilbeltza beka, nobela beltzaren beka Baztanen. | news |
argia-107a4be84994 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/nori-axola-zaizkio-antzerki-liburuak.html | Nori axola zaizkio antzerki liburuak? | Itziar Ugarte Irizar | 2017-03-26 00:00:00 | Nori axola zaizkio antzerki liburuak?
Iazko uzta literarioak utzitako berezitasunetako bat izan da euskarazko antzerki liburuen argitalpena. Kopuruz igoera apala izan bada ere, zer esana eman dute argitaratutako lanek. Nork irakurtzen ditu, baina, irakurtzeko idatziak ez diren testu hauek? Zergatik eraman liburura oholtzarako sortzen dena?
"Noizbait gertatu behar zen, antzerki liburuen urritasuna gehiegizkoa izan da". EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kide Jaime Valverdek esana da. Emankorra izan da antzerki liburuen uzta 2016an, ez hainbeste kopuruz, ezpada mamiz. Lau izan dira argitaratutako lanak: Mr. Señora (Oier Guillan, Txalaparta), Erleak, satorrak, beleak (Gaizka Sarasola, Edo), Habiak. Arrastoak (Dejabu, EHAZE) eta Arestiren nazioa, antzerkia (Karlos del Olmo, EHAZE). Erlea aldizkariaren 10. alea ere euskal antzerkiari eskainia izan da osorik.
Antzerkia ikusteko modu berezi bat agertzeagatik izan dira ohikoan baino aipatuagoak liburu horiek, Ainara Gurrutxaga aktoreak eta Dejabu panpin laborategiko kidearen esanetan: "Azken antzerki liburuen atzean dauden pertsonek urte asko daramate antzerkia egiten. Liburuak lan prozesu sakonen ondorio dira, eta esango nuke nabarmendu direla antzerkia ikusteko modu berria erakusten dutelako. Kolektiboki sortutako antzerki mugimenduen isla dira, hori da berrikuntza, energia dakarte eta tratatzen diren gaiak oso aktualak dira, gaurko irakurleari oihartzun bat sortzen diotenak". Nolanahi den, antzerkia genero literario gisa guztiz baztertuta nabari du Gurrutxagak: "Liburutegietara joan besterik ez dago".
Argitaletxe estandarrek antzerkiari leku murritza eginagatik ere, irakurleak badaudela dio Valverdek. "Antzerkia kontuz argitaratu behar da, aintzat hartuta testua ez duela berezko euskarri. Aitzitik, modu estrategikoan eta luzera begira, garrantzitsua da antzerkia formatu idatzian ere zabaltzea. Besteak beste sarbidea errazten duelako testuaren bideetan, liburutegietan edo hezkuntza sisteman. Hedabideek iaz antzerkiari emandako tokia ere liburuei esker izan da, hein batean".
Transmisioa betiko aje
Antzerki liburuen urritasunak transmisio-etena elikatzen duelako, ezinbestekotzat du hauen argitaratzea EHAZEko kideak. Dioenez, "transmisio etena gure antzerkiaren ajea da sortu zenetik. Argitalpenek soilik ezin dute antzerkiaren transmisioa bermatu, baina hutsunea betetzeko bide bat da". Halere, bestelako beharrei begiratzeko deia egin du, dokumentazio zentro baten faltari kasu: "Dokumentazioa lantzen duen egitura berezko bat behar da, antzerkia jo puntuan izango duena, bere berezitasunekin. Izan ere, esaterako, hogei urte barru antzerkia ikasten dutenentzat, ez da gauza bera Arrastoak bideoz ikustea eta antzezpenaren gaineko informazio mamitsua eskura izatea, edo testua irakurtzea, honek ere asko esan arren".
Ainara Gurrutxaga:
"Iaz publikatutako liburuak kolektiboki sortutako antzerki mugimenduen isla dira, hori da berrikuntza"
Euskal antzerkiaren iragana eta oraina jaso gabe geratzen ari denaren oharpen horretatik, bilduma berria abiarazi du EHAZEk urtero bi argitalpen kaleratzeko. Argitalpen proiektuaren ildoa bikoitza izango da: gogoeta eta saiakerak batetik, eta antzezlanak bestetik. Egitasmoaren estreinako lanak Durangoko Azokan aurkeztu zituzten, aurrez aipatu Arestiren nazioa, antzerkia saiakera eta Arrastoak antzezlana.
Aktore gisa ere transmisio falta "ikaragarria" sentitu duela dio Gurrutxagak. "Halako batean norbaitek kontatzen dizu 60-70 hamarkadan Euskal Herrian sekulako mugimendu alternatiboa egon zela antzerkian, mundu mailako mugimendu berritzaileenak aintzat hartzen zituena, idazle onenetakoak oholtzaratzen zituena. Ezezagutza handia dago, berdin materiala lortzeko". Hein horretan, EHAZEren egitasmoa giltzarritzat jo baina "desertuaren erdian putzu bakan" izan ez dadin, azpiegitura sendoago baten eta babes sakonagoa beharra dagoela dio.
Nola bizi antzezlana liburutik
Antzerki liburuak badira antzezlana taula gainean ikusterik izan ez zutenek bestela obraz gozatu ahal izateko ere. Baina, benetan posible al da antzerkia paperera eramatea? Gurrutxagak, "zorionez" ezin dela uste du, beti dagoelako "testukeriaren" edo antzerkiaren berezko hainbat elementu ezin jasotzearen arriskua. Bere hitzetan, "bertso saio bat paperera osorik eraman ezin den bezala da, bertsoak bai baina plazan jendeak sentitutako komunikazio ariketa ezin da ia transmititu paperean. Ariketa oso interesgarria da, hala ere".
Jaime Valverde (EHAZE):
"Dokumentazioa lantzen duen egitura berezko bat behar litzateke, antzerkia jo puntuan izango duena, bere berezitasunekin"
Antzerkia ekintza kolektibotzat ulertuta, Arrastoak liburura eramateko idazte prozesua ere kolektiboa izan da Dejaburentzat. Kolektiboa dela dio Gurrutxagak guztien argazkiak, bizipenak, memoriak bildu dituztelako haietako bat edo bi idazten jarri aurretik. Gero, idazketaren "testukeria" gainditzeko dramaturgia oharrak erabili dituzte: "Keinuetan, mugimenduetan eta irudietan oinarritutako antzerkia egiten dugu eta saiatu gara azaltzen nondik jaio diren irudi horiek, argazkiak eta planoak jarrita, ze collage egiten ditugun azalduta, irakurri ditugun liburuak aitortuta. Antzezlan bat sortzea unibertso txiki bat sortzea da, zinetik edaten duena, margogintzatik, musikatik, argazkigintzatik. Unibertso hori nola hornitzen den idatziz adieraztea erronka oso ederra izan da".
Oier Guillanen Mr. Señora izan da antzerki liburutan nabarmendu den aipatu obretako bat, zazpi antzezlanez osatua eta estetikoki berritzailetzat jo dena. Honen hitzaurrea idatzi du Gurrutxagak. Aurkako norabidean lotzen dira liburua eta oholtza kasu honetan. Gurrutxagaren arabera, "Oierrek proposamenak idatziz egiten ditu eta gero aktore talde bati eskaini oholtzara eraman dezan. Aldatzen da prozesua, baina ez dut uste hain diferentea denik, garrantzitsuena testu hori oholtzara eramatean beste material bat gehiago izatea delako, argia, musika, emozioak edo aktoreen inprobisazioak diren bezala, hau da, oso malgua izan dadila. Askotan autoritate bat ematen zaio testuari, nire ustez, ez duena zertan izan antzerkian".
Valverderen esanetan, argitaratutakoa zenbat eta gehiago antzeztu, orduan eta gusturago denak, idazleak, aktoreak, antzerkizaleak. Argi dio: "Irakurtzeko gozagarria da, baina izan antzerkia gorputzera eramateko da". | news |
argia-57fa4cc56758 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2547/5657-aztnugal.html | 5.657 aztnugal | Estitxu Garai Artetxe | 2017-03-26 00:00:00 | 5.657 aztnugal
Torturaren errealitate beltzak badu zenbakia Euskal Herrian: 5.657. Badu zenbakia, nahiz eta inoiz ez dugun praktika lazgarri eta sistematiko horren benetako dimentsioa ezagutuko, beranduegi da jada horretarako. Beranduegi da urteak eta urteak igaro direlako inpunitate osoz. Urteak eta urteak non bizipen gogor hori jasan duen jende asko erabat babesgabe eta inolako helduleku barik egon den. Non justiziaren zaintzaile omen diren epaitegi eta erakunde publikoetan topatu duten salaketarako traba eta etsai handiena. Egoera traumatikoa indibidualki eta isilpean kudeatu beste aukerarik ez du izan milaka biktimak, jendartearen babes ofizialik gabe.
Euskal gizartearen erantzukizunari begira jartzen gaitu horrek. Halaxe azaldu du Sandra Barrenetxeak Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan. 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Barrenetxea, Ekineko kidea zelakoan. Inkomunikazio garaian jasandako tortura bortitzak salatu zituen eta egunotan lau guardia zibil epaitu dituzte salaketa horien harira (epai-bidetik asko itxaron ezin daitekeen arren). Haren kontakizunak pasarte latz asko eta asko ditu, besteak beste, emakumeek jasandako tortura bereiziak, genero eraikuntzari oso lotuak eta uneoro bortxaketaren mehatxupean. Hala ere, elkarrizketan kontatutakotik barrenak gehien mugitu dizkidana gizartearen jarrerari buruz dioena da: "Mina areagotzea" ekarri diola, alegia. Aitortza faltak "frustrazioa eta erru sentimendu handia" eragiten dituela azaltzen du, biktima ahultasun egoerara eramaten duela; halaber, azpimarratzen du ondorio latzak dituela gizartean biktimaren bizitzarekiko arduragabekeria sumatzeak.
Min eman ziguten Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Ertzaintzaren torturak ukatzeko sententzia judizial eza argudiatu zutenean. Zigorgabetasuna ontzat eman eta tortura denuntziei sinesgarritasuna kentzea izan baitzen
Horregatik ematen dute hainbeste min torturari ezikusiarena egiten dioten adierazpenek. Eta min eman ziguten Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Ertzaintzaren torturak ukatzeko sententzia judizial eza argudiatu zutenean. Zigorgabetasuna ontzat eman eta tortura denuntziei sinesgarritasuna kentzea izan baitzen. Sortu alderdiak torturak salatzeko elkarretaratze performatiboak egin zituen, ertzain-etxeak atzamarrarekin adierazita haren ardura irudikatzeko asmoz. Horren erantzunean etorri ziren bi ordezkari publikoen adierazpenok, Ertzaintzak torturatu izana ukatuta. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Paco Etxeberria auzi medikuak zuzendutako ikerketak 4.009 tortura kasu identifikatu ditu, Nazio Batuen Istanbulgo protokoloari jarraiki. Horietatik 310 kasu dagozkio Ertzaintzari. Euskal Memoria erakundeak, berriz, 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu, 407 Ertzaintzaren esku.
"Gertatutakoaren berrikusketa kritikoa" bezalako terminoak hainbestetan entzuten ditugun honetan, badirudi guztia ondo doala atzamar guztiek norabide bakarrean seinalatzen dutenean, hau da, begirada guztiak ezker abertzalearengan jarrita daudenean. Besterik gertatzen da, ostera, komisarietako kontakizun ilunak astintzen hasi eta gatazka mingarri honetan batekoen eta bestekoen ardura aldarrikatzen denean. Giza eskubideak komuneko paperaren pare geratzen dira orduan, errelatoa eta atzera begirako gatazkaren argazkian eragile bakoitza nola agertuko den dagoenean jokoan.
Tortura zigorgabetasunaren iluntasunetik argitara ateratzea gizarte gisa egiteke dugun zerbait da. Horregatik, premia bizikoak dira lekukotzak bildu eta frogatuko dituzten aipatu ikerketak, baita salaketa eta kontzientziaziorako ekimen eta dinamika guztiak ere. Bilboko kaleak gurutzatu zituen manifestazioak aldarrikatzen zuen bezala: aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea zor diegu torturatu guztiei. Eta gauza bera zor diogu gure buruari, gure jendarteari. | news |
argia-7a148f5bf830 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/2393etik-ikusita-nola-ez-genuen-eragotzi-klimaren-zoratzea.html | 2393.etik ikusita, nola ez genuen eragotzi klimaren zoratzea | Pello Zubiria Kamino | 2014-11-30 00:00:00 | 2393.etik ikusita, nola ez genuen eragotzi klimaren zoratzea
Nola interpretatuko ote da 2393. urtean gaur hemen bizi dugun XXI. mende hau? The Collapse of Western Civilization fikzio-zientziazko liburuan Naomi Oreskes eta Erik Conway historialariek kontatu dute nola gertatu zen –nola gertatzen ari den?– Mendebaldeko kontsumo zibilizazioa hondamendira eraman zuen kolapsoa.
Barruan mezua daraman botila basamortuan galduta, horra doi-doi 100 orritan mezu kezkagarria zabaltzen duen liburuaren azala: The Collapse of Western Civilization: A View from the Future (Mendebaldeko Zibilizazioaren kolapsoa, etorkizunetik ikusita). Harvard eta Kaliforniako unibertsitateetan historia irakasten duten Naomi Oreskes eta Erik Conwayk plazaratu berri dute. 2010ean argitaratu zuten Merchants of Doubt: How A Handful of Scientists Obscured the Truth on Issues from Tobacco Smoke to Global Warming (Zalantza saltzaileak: Nola zientzialari batzuek lortu zuten egia iluntzea tabakoaren kalteetatik hasita beroketa globaleraino).
Oraingo liburuan jarri dira 2393. urtean bizi den historialari baten larruazalean. Txinako Bigarren Herri Errepublikan bizi da, eta puntu honekin hasieratik markatzen dute beren hipotesiaren ezaugarrietako bat: beste ezein herrialdek baino aukera handiagoz Txinak iraun lezakeela XXI. mendean planetari egokituko zaizkion kalamitateen artetik pasa ostean.
Etorkizunetik begiratuta –fikzioa delako ez bedi gehiegi lasaitu irakurlea– 2023. urtean nozitu zuen Lurrak sekulako astinaldia, "urte osoan uda" izan baitzen. Idazkian diotenez, "500.000 pertsona hil zituen beroaldi handi hark, 500.000 milioi dolarreko kalteak eragin sute, uzta galtze eta azienden eta etxeko animalien hiltzearekin. Etxeetako katu eta zakurren galerak [jakien urritasunagatik, antza] bereziki asaldatu zituen Mendebalde aberatseko jendeak, baina 2023an berezia gertatu zen egoera hura geroztik normaltasun berria bilakatu zen".
Geroztik, XXI. osoan zehar mamitu zen, inork hori saihestea lortu gaberik, zientzialariek eta beste askok aurretik iragarritako hondamendia: Afrika eta Ozeaniako populazio osoak desagertu ziren, klimaren aldaketak ekarri zituen mundu osoan zehar idorteak, janaririk eza, itsasoa lehorrean sartzea, liskarrak, gerra zibilak, 1.000 milioi jende baino gehiagoren migrazioa eta lege martzialak erabiltzen zituzten sistema politikoen nagusitzea.
Fikzio-zientziazkoa den arren, liburuan 2013a baino lehenagokoaz idatzitako guztia da benetan gertatua. 2013tik aurrera asmatu dutena, diote historialariek, idatzi dute oinarrituta dagoenekoz frogatuta dagoen ebidentzia zientifikoan. Urakanak gero eta bortitzagoak izango direla jadanik badakigu. Itsas maila igotzeaz eta Artikoaren mendebaldeko izotz geruza galtzeaz froga zientifiko oso sendoak dauzkagu jadanik. Klimaren berotzeak lehorteak eta janarien urritzea dakartzala dakigun moduan.
"Mendebaldeko zibilizazioko jendeak –dio 2393ko ustezko historialariak– bazekien zer ari zen gertatzen baina ez zen gai izan hura gelditzeko. Gertakizun haietan nabarmenena da hain zuzen zenbat informazio zeukan jende hark eta zer nolako ezintasuna zeukaten zekitena ekintza bihurtzeko. Ezagutza ez zen bilakatu ahalmen".
Erregimen bortitzen aroa
Ingurumen aferez ari den Living on Earth (Lurrean Bizi) gunean elkarrizketatu dute bi idazleetatik Naomi Oreskes. Kazetariari azaldu dionez, bera bezala Erik Conway kezkatuta daude "jendea ez delako ohartzen klimaren aldaketak dakarrenaz, askok uste dute Artikoko hartz zurien kontua dela. Guk azaldu nahi diegu gu guztioi eragiten digula, gure bizimoduari baina baita gure instituzioei ere, erakunde ekonomiko, politiko eta sozialei".
Aurreko Merchants of Doubt liburuan, historialariok azaldua zuten nola korporazioek antolatu duten klimaren aldaketari buruzko zalantzak zabaltzeko borroka, beldur zirelako egia zientifikoak auzitan jarri zitzakeela demokrazia liberala, enpresa librea, eta beste. Oraingoan nabarmendu nahi dute historiaren ironia, nola egia ukatzearen poderioz munduan eragin zuten kataklismoak ekarri zuen kapitalismo liberalaren suntsiketa.
Txina aipatzen dute XXI. mende gatazkatsua ondoen gainditu zuen herrialdetzat, bi arrazoirengatik. Batetik, historiarik luzeena daukan herrialdea baldin bada, bizirauteko probabilitate estatistiko handienak berak dauzka. Bestetik, aitortuz Txina urteotan aritu dela beste inor baino astoago ingurumenaren erabileran, Txinako sistemak erakutsi du ahalmena daukala justu kontrako norabidean ere jauzi handiak egiteko, diziplina eta antolaketa handiz.
Txina ez bezala, paradoxa iruditu arren, XXI. mendean pikutara joan ziren Mendebaldeko zibilizazioak gozatu zituen askatasun indibidualak, klimaren aldaketak eragindako larrialdiaren eraginez: "Ororen gainetik norbanakoaren askatasuna bermatu behar omen zuen neoliberalismoak ekarritako egoera latz hark berak eragin zuen gobernuen esku hartze izugarri handia".
Baina zergatik ez ziren Mendebaldeko jendarteak gai izan XXI.ean egin beharreko trantsizioa burutzeko? Alde batetik, diote Oreskes eta Conwayk, merkatuko fundamentalismoa deitu dutenagatik: "Klimaren aldaketa benetan gertatzen ari dela ukatzen dutenetako askok halako fede batez sinesten dute merkatuak egingo duela zerbait magiazkoa bezala eta arazo hau konponduko duela merkatuaren esku ikusezinak mirakuluz bezala, pieza bakoitza bere lekura eramanez mirarizko soluzio bat aurkituko duela. (...) Aldiz, Munduko Bankuaren ekonomialari buru izandako Nick Sternek aitortua du klimaren aldaketa dela sekula ikusi den merkatuaren huts egite [ market failure ] handiena".
300 urte beranduagoko begietatik hau guztia gertatu zen XXI. mendean boterea zegoelako erregai fosiletatik aberasten ziren indarren eskuetan, historialariok " the carbon combustion complex " deitu duten indar multzoak bahituta. Sare horrek biltzen zituen erregai fosilen ekoizleak, erregaiok merkaturatzen zituzten konpaniak (petrolioa ateratzen dutenak, horientzako ari diren eraikuntzako eta bestelako korporazioak, petrokimikakoak...), erregai fosil merkeetan oinarritutako industriak (automobilak eta hegazkingintza), gehi guztien kapital beharrak asetzen zituzten bankuak.
XXI. mendeko hondamendi klimatikoaren beste erantzule nagusiak, Oreskes eta Conwayrentzat, zientzialariak izan ziren. Bakoitza bere gai hiper-berezituan murgildurik, ikuspegi orokor bat edukitzeko miopeegi, edozein ondoriotara iristeko %95eko segurtasuna edukitzeko behar horrekin... "Zientzialariek oso-oso beldurti jokatu dute 'otsoa datorrela!' oihukatzeko orduan eta ondorioa izan da denok egon garela bibolina jotzen Erroma kiskaltzen ari zen bitartean, edo zehazkiago esanda, Groenlandia urtzen zen bitartean". | news |
argia-8ae764c9fc29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/albo-kalte-txiki-bat.html | Albo-kalte txiki bat | Xabier Mendiguren Elizegi | 2014-11-30 00:00:00 | Albo-kalte txiki bat
Joan Mari Torrealdaik, 1975ean, soziologiako bere doktore-tesia egiteko, orduko euskal idazleak hartu zituen ikergai, eta, haien artean egindako inkesta zabal batean oinarrituta, ikerketa luze eta sakon bat burutu zuen, handik bi urtera, beste eduki batzuk ere gehituta eta Elizegi anaien argazki-galeria guztiz inportante batekin, liburu mardul gisa plazaratu zena: Euskal idazleak, gaur . Luxuzko edizioa izan zen, Jakin taldeak gauzatu eta Lankide Aurrezkiak plazaratua, garai hartan Laboraleko marketin-buru zen Luis Iriondoren izaera baikor eta gartsuari esker, besteak beste.
1995ean, 20 urte igarota, euskal idazleen panorama dezente aldatuta zegoela susmaturik eta susmo hori datuetan ere egiaztatu nahirik, aurreko inkesta berritu, momentuko idazleen artean banatu, eta handik ateratako ondorioekin liburukote berri bat idatzi zuen Torrealdaik berak: Euskal kultura gaur ; Jakin eta Laboralarekin batean Elkar fundazioak kaleratua 1997an. Guztiz bestelakoak ageri dira garaiko kezkak, eztabaidak, generoak (kazetariak eta saiogileak ia guztiz desagertu ziren idazle aipatuenen artean, fikziogileen mesedetan), baita argazkietako aurpegiak ere, Aitor Bayok eginak oraingoan.
2015 izango da datorren urtean. Beste 20 urte igaro dira, ia-ia. Aukera bikaina idazle-jendearen argazki dinamiko horrekin jarraitzeko, gure zimurrak nolakoak diren ikusteko, urteotako aldaketa sozial, politiko, ekonomiko eta teknologikoek ofizio zahar honi nola eragin dioten galdetzeko, androzentrismo erabatekoa nola irauliz doan konstatatzeko, lankideen arteko hautuetan top-ten gustukoena nork osatuko duen kuxkuxeatzeko…
Tamalez, ez da halakork izango. Ez Torrealdaik eginda behintzat. Berari galdetuta esan digu gaiari buruz zituen paper guztiak Guardia Zibilak eraman zizkiola, Egunkaria ren kontrako operazioan. Hori, orain dela ia hamabi urte gertatu zen; baina ordutik hona gai horri loturiko auziak bizirik jarraitu du epaitegietan, besteak beste Torrealdairen beraren kontrako zigor mehatxu eta guzti. Garbi dago ez dela egoerarik onena, 70 urte bete eta gero, hirugarren ikerketa monumental bati ekiteko. Espainiar zapalkuntzak euskal kulturari ekarri dion beste kalte bat; oraingo hau ez horren handia, agian, baina kaltea azken batean.
Ba al da zuen artean soziologo gazte eta kementsurik, halako proiektu bati heldu nahi dionik? | news |
argia-e42176f87fff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/merkatarien-europa.html | Merkatarien Europa | Juan Mari Arregi | 2014-11-30 00:00:00 | Merkatarien Europa
Europar Batasuna (EB) ez da herritarren eta herrien Europa, merkatarien Europa baizik, kapitalarena eta multinazionalena. Eta EB politikoki gidatzen dutenak euren esklabuak dira, lekaioak. Ez da lehen aldia tesi hau baieztatzen duten gertaerak ematen direla. Orain, beste eskandalu bat ezagutarazi da, izebergaren punta izan daitekeena: 340 finantza eta multinazional talde handik (Citigroup, JP Morgan, Volkswagen, Ikea, Pepsi, Vodafone, Apple...) akordio sekretuak dituzte sinatuta Luxenburgorekin, zergak saihesteko. Jean-Claude Juncker EBko presidentea, Luxenburgoko lehen ministro izan zen, eskandalu honek eztanda egin duen herrialdeko mandatari, alegia.
Korporazio horiek lortutako eskugain fiskalak milioi asko balio du, sinadura batzuek euren etekinen %1etik beherako zergak ordaintzen baitituzte Luxenburgon. Etekinen gaineko zergak ez dituzte zerbitzuak eta produktuak saltzen dituzten herrialdeetan ordaintzen, hau da, ez dituzte %30 inguruko zergak ordaintzen, eta herrialde horien (Frantziako eta Espainiako estatuak tartean, Euskal Herria barne) zerga-galera nabarmena da. Gobernuen murrizketa sozialak bezain nabarmena. EBko gainerako enpresek eta herritarrek aldiz, %25 eta %50eko zergak ordaindu behar izaten dituzte, hurrenez hurren.
Europako herriek eta herritarrek EBko gobernuak presionatu behar dituzte, gehiegikeria eta eskandalu horiek ahalbidetzen dituzten politikak errotik aldatzeko eta paradisu fiskalak ezabatzeko. Ez da erraza izango, europar politikak diseinatzen, kontrolatzen eta zuzentzen dituztenak finantza eta industria mandatari horiek baitira, herritarrek aukeratu ez badituzte ere. Herrien eta herritarren Europak aurrez aurre borrokatu beharko luke merkatarien Europaren kontra, multinazionalen eta kapitalaren kontra. | news |
argia-493c68f4b3cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/eztiak-gozatu-zituen-historiaurrea-eta-antzinaroa.html | Eztiak gozatu zituen Historiaurrea eta Antzinaroa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-11-30 00:00:00 | Eztiak gozatu zituen Historiaurrea eta Antzinaroa
Bicorpeko Armiarmaren haitzuloko (Valentzia) pintura batean gizakiak eztia biltzen agertzen dira, erleak inguruan biraka dabiltzala. Horregatik dakigu Historiaurrean gizakiek jakiak eztiz gozatzen zituztela, Neolitora arte erlezaintza garatu ez zen arren. Antzinaroan ere, Mendebaldean behintzat, eztia zen gozagarri nagusia, beste bide batzuk ezagutzen baziren ere. Alexander Handiaren almirante batek Indian ikusi zuen lehenengoz azukre kanabera: "Bada kanabera mota bat eztia erlerik gabe sortzen duena" idatzi zuen. Haren berri izanagatik, kanabera azukrea ez zen Erdi Arora arte nagusitu, eta Aro Modernoan hasi zen hedatzen erremolatxa azukrearen ekoizpena. | news |
argia-e1b849e28f85 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/nafarrak.html | Nafarrak | Jakoba Errekondo | 2014-11-30 00:00:00 | Nafarrak
Maria Concepción Ezpeletaren semeak, Francisco Javier Girónek, Espainiako Guardia Zibila sortu zuen 1844an. Beraren aitona, Maria Concepciónen aita, José Manuel Ezpeleta Galdeano (Iruñea 1739-1823) izan zen, Kubako gobernadore (1785-1789), Nueva Granadako –egungo Kolonbia– erregeorde (1789-1797), Kataluniako Kapitain Jeneral (1808) eta Nafarroako erregeorde (1814-1820). Kolonbian, besteak beste, botanika bidaldiak sustatu zituen. Tartean, José Celestino Mutisen espedizio sonatua (Pedro Ursua arizkundarrak 1549an han sortutako Pamplona hirian bizi izan zen Mutis).
30 urte luzatu zen bidaldia, baina lurralde haien aberastasun ikaragarriaz jabetzeko bidea garbitu zuen. Landare eta animalia ugari izendatu zituzten. Lan horretan, landare genero berri bati Espeletia izena jarri zion Mutisek, bere mezenasaren oroigarri. Genero horren ahaide gisa, Cuatrecasas i Arumí botanikari gironarrak, lehengo mendean, Coespeletia eta Espeletiopsis generoak izendatu zituen.
Ameriketako botanikan nabarmena da izen euskaldunen emana. Espeletia , Coespeletia eta Espeletiopsis horiez gain, hor daude lehendik ere aipatuak ditugun Uribea , Aristeguieta , Echeverria eta Lardizabala ere. Emana, ordea, ez da hor bukatzen... Txilen, adibidez, landare mordoxkak du euskal deituraren bat.
Larrea generoa, bost espezie biltzen dituena. Zientziak eta arteak bultzatu zituen Juan Antonio Hernandez de Larrea elizgizonaren omenez.
Lastarriaea , Txileren alde Jose Victorino Lastarria (1817-1889) diputatu iraultzaile eta idazleak egindako lana oroitarazteko.
Ercilla , bermeotarren seme Alonso Ertzilla Zuñiga poetaren omenez, Txileko historiako poema epiko handienatzat duten La Araucana idatzi zuelako.
Luzuriagaceae familia eta Luzuriaga generoa, Areatzako Ignacio M. Ruiz de Luzuriaga (1763-1822) doktore kirurgialari eta botanikazalearen goresle.
Silvestre Ochagavia Errazuriz (1820-1883), Justizia, Kultura eta Instrukzio Publiko ministroa izandakoaren gorazarrezko Ochagavia generoa.
Urmenetea generoak gogora dakar José Tomás Urmeneta Garcia (1808-1878) filantropoa. Rodulfo Amandus Philippi botanikariak jarri zion izena; bera zuzendari zen museoari dohaintza handi bat egin zion, eta ordainetan nonbait. | news |
argia-8b0c18232890 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/15-urteko-etenaren-ondoren-itsasoen-beroketa-berriz-abian.html | 15 urteko etenaren ondoren, itsasoen beroketa berriz abian | Joxerra Aizpurua | 2014-11-30 00:00:00 | 15 urteko etenaren ondoren, itsasoen beroketa berriz abian
Azken hamabost urteotan ez da aldaketa esanguratsurik izan Lurreko itsasoetan neurtutako tenperaturetan. 1998an El Niñoren ondorioz izandako tenperatura hazkundeak 2014ra arte iraun du.
Aurten, aldiz, beste igoera bat gertatzen ari da, batez ere Ozeano Barearen iparrean nabaritu dena. Horrekin batera, alisio haize freskoak inoizko ahulenak izan dira. Behin betiko ondorioak ateratzeko goiz samar bada ere, 2014 hasierako tenperatura hazkundeak urte osoa iraun du eta horrek zientzialarien arreta bereganatu du. | news |
argia-561eab09c57b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/37.html | 37 | Jakoba Errekondo | 2014-11-30 00:00:00 | 37
Udazkeneko egun motzenak gainean ditugu eta hasi hurrengo uda berriari tamaina hartzen. Zer landatu, zer erein... Hartu pentsatzeko denbora. Hona proposamen bat: Bettina arrosa. Lehengo mendean Frantziako Francis Meillandek sortua da. Badu aldaera igokaria ere. Loreak laranja-gorriztak dira, usain izugarria dutenak. Bakoitzak 37 petalo ditu. Bazterrak miatu eta ahal baduzu eskuratu. | news |
argia-b2dfd9974006 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/philae-espazio-moduluaren-jauziak-tchuri-kometan.html | Philae espazio moduluaren jauziak Tchuri kometan | Joxerra Aizpurua | 2014-11-30 00:00:00 | Philae espazio moduluaren jauziak Tchuri kometan
Azaroaren 12an, Europako Espazio Agentziak (ESA) bidalitako Rosetta zundaren Philae moduluak lur hartu zuen 67P kometan. Kometa horrek Churyumov-Gerasimenko du beste izena, eta Tchuri ere esaten zaio.
Ikustekoak izan ziren ESAko teknikarien algarak eta besarkadak Philae -ren lurrartzea iragartzean, ez baitzen txantxetako lana izan 50 milioi kilometrora dagoen harri puskan zunda kokatzea. Egunak igarota, xehetasun gehiago jaso genuen lurrartzearen uneaz eta bertan gertatutakoaz. Antza, Philae -k kalkulatutako lekuan pausatu zen, segundoko 50 zentimetroko abiadura zuela, baina motelgailuek ez zuten lurrartzearen talka arindu, eta ontziak kilometro bateko jauzia egin zuen. Berriro lurra hartu eta beste jauzitxo bat egin zuen, eta hirugarren saiakeran, azkenik, kometa gainean gelditu zen. Jauzien zergatia kometaren grabitate txikia da. Philae -k ia 100 kilogramoko pisua du Lurrean, baina gramo batekoa besterik ez kometan.
Gertatutakoaren ondorioz, Philae -ren kokapena ez da espero zena. Modulua itzal eremu batean pausatu zenez, bateriak kargatu ezinik zegoen lerro hauek idazteko unean. Bolada baterako isilik geratu da, beraz, eguzkiaren izpien zain. | news |
argia-ba45e4690021 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/jostuna.html | Jostuna | Joanes Etxebarria | 2014-11-30 00:00:00 | Jostuna
Maulen deus gertatzen ez dela dioten Aste Santuko beilari euskaldunek ez dakite gutxia preziatzen. Ikus bestela beste egunekoa. Galtzak leku txarrean zulatu nituen eta josteko haria eta orratza ukanik ere, ez nintzen ausart nihaur konpontzen hasteko. Etxe ondoko jostuna aipatu zidaten.
Saltegira lehen aldiz sartu eta berehala denda ederra zela ohartu nintzen, nahiz eta ez den hori hemen aipatu nahi dudana. Ene aitzinean bi emazte baziren, neguko arropak erostera jinak. Hau eta hura berrogei euro. Eta " comment va Thérèse ?". Eta saltzaileak " o, badakizü, toujours pareil... ".
Berriketa luzatu zen eta andereak gehiago jakin nahi " elle mange pas ?". Eta saltzailea, herabe, " doi bat jaten dizü bai, mais l'eau gélifiée et comme ça ". Berriketa arrunta. Euskalduna zela oharturik, eta ohartu nintzelako soilik, ene galtzak euskaraz eman nizkion, eta euskaraz hartu zituen.
Istorio ttipi honek ez du gogoeta handirik piztu nahi, anekdota hutsa da; baina saltegitik ateratzean ikusi nuen sartzerakoan huts egin nuena, Euskarari bai pegatina. Detaile hori, segur aski, Aste Santuko beilari euskaldunek ikusi zuten. | news |
argia-53a54d956c1c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/mikel-epalza.html | "Kultura hitza ematetik dator" | Sustrai Colina | 2014-11-30 00:00:00 | "Kultura hitza ematetik dator"
Amaren, alabaren eta espiritu santuaren izenean... Amen.
Zu sortzerako gerra asko pasata zeuden zuenean.
Nire gurasoen bi familiak 36ko Gerrako errefuxiatuak dira. Nire lau aitatxi-amatxiak Haltsuko hilerrian ehortziak daude. Odol bizkaitar eta nafarra dut aitaren aldetik, madrildar eta bizkaitarra amarenetik. Aita gudarien komandante izanik, preso egona eta heriotzara kondenatua zen, gerlaren lokatzetan okotzeraino sartua. Horregatik sortu naiz Haltsun, Hegoaldeari lotua odolez eta izatez, "zazpiak bat" lehen hatsetik sentituz. Etxean, gurasoez gain, iheslariak, Lekeitioko lagunak, arrantzaleak... Denetik ikusi dut beti. Niretzat odolaz harago doan zerbait izan da beti familia. Pentsa, gure etxeko tximinia gainean egon da luzaz behiala kaxarranka dantzatzeko erabiltzen zen Lekeitioko kofradiako bandera gorria. Orain gutxi itzuli diogu herriari. Susmoa dut, alta, istorio horiek etxeetan atxiki eta herriak ahanzten dituela.
Bigarren Mundu Gerraren biharamunean sortu zinen zu, etxeek eta herriek ahantzi ezin zuten garaian.
Ttikitatik entzun dut alemanak jin zirela, Nieves haurride nagusiari tximinia gaineko bandera gorria hartzea debekatzen zitzaiola, baina ez dut ez gerla girorik, ez eskasiarik pasa. Ez zen ondasun handirik, baina laborantzari loturiko herrikoitasun aberatsa genuen. Behiak, oiloak, mahasti ttipi bat... aski zen guretzako. Gogoan dudana da lekeitiarrez mintzo ginela etxean eta haltsueraz karrikan, baina zorionekoak ginela, Arrieta apezak iheslariak onartzen eta herrian integratzen bazekielako. Guk ez dugu pairatu iheslari batzuek nozitu duten baztertzerik. Errefuxiatuak ginen, ez errefusatuak. Biziki ongi txertatu ginen Haltsun, bai euskararen aldetik, bai laborantza mailan, bai Elizaren bideetan, eta nola ez, euskal nortasunari dagokionez. Ez dut inoiz ahantziko bi danbor eta lau tronpetako klika etxez etxe ibiltzen zela festetan bandera frantsesa aurretik zuela. Gure etxera heldu aitzin, alta, bandera frantsesa bide bazterrean laga eta lehengusuak utzitako ikurrinarekin sartzen ziren. Jende horrek iheslariei esker izan du herri honen berri. Horregatik diot ez dela gauza bera iheslari izatea Euskal Herrian edo Cherbourg-en. Egia da oraindik ez dela dena irabazia, hemengo jendea Hegoaldeko aferak aipatzean Espainiaz mintzo dela, baina izigarriko elkartasuna eta laguntza izan ditugu.
Nola baloratzen duzu iheslariek bake bidean eginiko ekarpena?
Garai bateko herrikoitasun eta herri izaera aldatu da. Aniztasun batean gara, iheslariak bakearen eragile bihurturik, eta eman dituzten azken urratsak txalogarriak ez ezik miresgarriak iruditzen zaizkit. Ez da samurra iheslariak biluztu diren bezala biluztea. Bizitza osoa pasa duzularik herriak ETAren ekintzetatik fruituak jasoko zituela sinetsita, ez da makala bat-batean borroka armatua bazter utzi eta bakezko armak hartzea, gizarteari burujabetza utziz. Zapalduak izan gara, pertsona eta herri gisa, zapalkuntza horren aitzinean guk ere nahi izan dugu gogorkeria erakutsi armen bidez, baina zapalduak izaten segi arren gai izan gara logika politiko kultural hori hausteko. Horrek bide eta alternatiba berriak zabaltzen ditu. Noiz izan dugu holako aukera bat? Hori oso baikorra da denentzat, jendartearentzat eta iheslarientzat. Orain iheslari izatea ez da geroaren zepoan preso egotea, ez da geroa gainean duzun hilobi losa bat garraiatzea bezala. Egoera nekeza izan arren, esperantza izpiak berpiztu dira.
Euskal kausaren alde sutsuki agertzeak arazorik sortu dizu Elizaren baitan?
Anitzetan erran didate egin nezakeela apez-bide ederragoa, Euskal Herriko erroek ez zidatela Erromara hegan egiten uzten. Ez naiz sekula apez izan nire karrera eklesiastikoa aberasteko, herritarrekin, giristino zein ez giristinoekin, ebanjelioa bizitzeko baizik. Hala, beti agertu naiz naizen bezalakoa, ez dut sekula nire herria sakelan gorde. Ezin dut ulertu herritik aparteko apez-bide bat. Zauden tokian uros izatea bezalako aberastasunik ez dago niretzat. Daukazunarekin pozik bizitzea da gakoa, ez eskas duzuna mirestea. 30 urte daramatzat Zokoako txoko honetan, eta izigarriko xantzatzat daukat euskaldun, giristino eta apez izatea. Ez nuke bat kendu nahi bestearen gehitzeko.
Euskal Herrian Elizak dituen agintariak ikusita, segur ez zenukeela bat kendu nahi bestea gehitzeko?
Ez da kasualitatea. Benedikto XVI.ak ez zuen barkuaren lema bereganatu, eta bere baitatik lan egin beharrean, Opus Dei eta giristino eskuindar atzerakoien esku utzi zuen agintea. Euskal Herriko Eliza, egitura bezala, salbatu behar zela deliberatu zuen Erromak, eta horretarako Elizaren identitatea zorrotz markatzea erabaki. Herriaren zerbitzari, bakearen eragile, eta hizkuntza eta kulturaren gordailu zen euskal Elizak bokaziorik sortu ez izana eta elizak hustu izana leporatu ziguten. Ez ziren ohartu hemen garrantzitsua ez dela ontzia, itsasoa baizik. Hala, orain ere erresistentzia tokatu zaigu. Horregatik diot Eliza gu garela, ez Erroma. Eskerrak aita santu berriak argia ekarri digun. Euskaldun eta giristino izan gaitezkeela dio, karrikan jendeekin ibili gaitezkeela, dibortziatu, homosexual eta dena delakoekin bat egin dezakegula... Azkenean, haize fresko pixka bat, esperantza seinale bat.
Zergatik da erlijioa Frantzian homosexualen ezkontzaren aurkakoek darabilten lehen argudioa?
Tamalgarria zait. Gure apezpikua homosexualen ezkontzaren aurka mintzo entzuten dudanero pena eta mina eragiten dizkit. Homosexual andana ezagutzen dut, orotarikoak, aspalditik bataiatzen ditut heien haurrak, eta edonori emango niokeen tratua ematen diet. Nor naiz ni heien bizitza sexuala egokia den ala ez epaitzeko? Zer den debekatua eta zer bekatua inposatu behar diet? Hori irrigarria da. Lehengo logikan, ezkondu aitzin xirri batzuk egiten dituen bikotea bekataria da. Zer zentzu du, alta, mundu erdia baino gehiago bekataria dela esateak? Elkar maite duen jendea bekataria bada itzali kandela eta zoaz beste planeta batera bizitzera! Bukatu da egia absolutuen Eliza zapaltzailea. Badira oraindik beldurraren arma darabilten karkak, baina ez dira ohartzen arma hori erabiliz heien burua hiltzen ari direla. Hitzak libre behar du, ez gara frankismotik atera beste diktadura batean sartzeko. Hierarkiarekiko komunio berria ez litzateke obedientzia eta menpekotasun hutsetik sortu behar. Helduak gara, eta Eliza heldu bat nahi badugu hitz askeko iritzi trukaketak bultzatu behar ditugu. Kasu honetan, arraina ez baita buztanetik usteltzen, burutik baizik.
Kezkatzen zaitu elizak husten ikusteak?
Deblauki erranez, hori ez da intuizio bat, datu soziologiko bat baizik. Kezkatzen nauena botila erdi betea egonik erdi hutsa ikustea da. Batzuen betiereko nostalgia: lehen zegoena eta orain ez dagoena. Alabaina, Elizak lehengo pisurik ez izateak ez du baliorik ez duela erran nahi. Erortzean altxatzeko indarra ematen dizun zure baitako duintasun sakratuak, eskubideak defendatzeko, jendarte hobea bultzatzeko edo bakegintzan partaide izateko lantzen dituzun baloreak ederrak dira. Politikak ezin du dena irentsi. Pertsonek beharrezkoa dugu gertatzen zaiguna espiritualki baloratzea. Nola bizi espiritualki egungo Euskal Herria? Hori da mahai gainean dugun galdera. Eliza molde batek porrot egin baitu, baina beste bat sortzen ari da: apalagoa, umilagoa, baina baita benetakoagoa ere.
Lehen zegoena eta orain ez dagoena. Arrantzaleen omonierra izaki, arrantzaz hasiko zinela uste nuen.
Lehengo euskal jendartea oso lotua egon da laborantzari eta arrantzari. Ofizioak baino gehiago, ikur kulturalak ziren. Arrantzale eta ontzi kopuruak anitz jaitsi dira, baina izenak ez du dena egiten. Herri askotako portuak kirol-portu bihurtu eta arrantzarako baino turismorako amu gehiago izan arren, arrantzale kulturakoak dira herri horien portaera, izaera, balore sorta edo ahoz ahoko legendak. Zer geldituko litzateke gure portuetan arrantzaleak eta arrantzale kultura kenduko bagenitu? Arrantza eta arrantzale ofizioa bakandu arren, zibilizazio bat gelditzen da, itsas ondarea zaindu eta garatzeko ardura. Jendeak ofizioa laga nahi baitu, ez nortasuna.
1985etik zabiltza lan horietan.
Hastapenetik izan dut jendeari hitza emateko kezka. Kultura hitza ematetik dator. Lurra goldatu eta hazia ereitea da kultura, buruak zabaldu eta hitza libratzea. Jendeak ez daki zer aberastasun baden arrantzaleen munduan, zer elkartasun sare. Jendeak ontziak ikusten ditu, lehen egurrezkoak orain txapazkoak, baina gutxik egiten du bertan itsas gizon eta emazteak irudikatzeko esfortzua: heien bizimodua, bizibidea, itsasoarekiko harremana, heien kezkak, penak, pozak... Arrantzaleek beraiek ez dute arlo hori sobera landu, eta eskasia jendartera zabaldu da. Armadoreei gure kezkaren berri eman genienean "hemengo gazteek ez dutela itsasora joan nahi? Kanpotik ekarriko dugu jendea!" gaztigatu ziguten. Oso garrantzitsua da ekonomia ongi pisatzea barku berriak egin ahal izateko, merkatu berriak sortzeko, arrantza eremu berriak lortzeko, baina non daude baloreak? Sosa da helburu bakarra? Non gelditzen da kultura? Mundu guztia dago prest barku berri baterako finantziazioa xerkatzeko, baina jende gutxi humanizazio bideak urratzeko. Jaurlaritzak ere indar ekonomiko bat bezala salbatu nahi du arrantza, ez indar kultural eta herrikoi baten gisan.
Zuk, alta, itsasoaren salbazioa arrantzale ofizioaren salbaziotik pasako dela diozu.
Jakina, itsasoa baratzea bada arrantzaleak dira baratzezainak. Bukatu da itsasoaren geroaz kezkatzen ez ziren piraten aroa. Arrantzalea da egunero itsasora ateratzen dena, itsasoa zaintzen duena. Ni naiz itsasoan astoa bezala ibili denetako bat. Arrantzale eta sukaldari aritu naiz ontzietan, eta aitortzen dut, lehorrean arraina baizik ez genuela deskargatzen. Kanpainarako kargatutako lata, botila eta zaborrak itsas zolara botatzen genituen. Gazteek konbertitu naute, gazteek ulertarazi didate txerri bat nintzela, itsasoa beti urdin egoteak ez zuela zabortegi erraldoi baten gisan erabiltzea justifikatzen. Gazte horiei esker, egungo arrantzak eta itsasoak beste begi batzuekin begiratzen die geroari.
Alta, baratzezainak agintzen du baratzean?
Arrantzalea ez da gehiago jaun eta jabe itsasoan, bere iritzia ez da iritzi nagusia. Egun, ez ditu kofradiak hartzen arrantzari dagozkion erabaki behinenak, arrantzalea zepoan harrapatua da, eta zepo horretatik ateratzeko nortasun berri bat erakutsi behar du. Arrantzaleak daki zer den itsasoa eta itsasoak zer den arrantzalea, baina itsasoa isilik dago, eta itsasoaren ordez mintzo direnak bulegoetan daudenak dira, inoiz portua zapaldu ez dutenak. Hori hala, arrantzaleak bere urrezko lekua berreskuratu behar du, ez bere iritzia inposatuz, itsasoko ezinbesteko partaidea dela erakutsiz eta bere jakintza eta kultura azpimarratuz baizik. Ez da samurra, ordea. Lehen aldiz gure historian, arrain hazkuntza gailendu zaio arrantzari. Lehen itsasotik zetorrena akuakulturatik dator orain. Horrek merkatua itotzea dakar, eta arrantzaleari jarrera are arduratsuagoa eskatzen dio. Itsasora irten eta ahal bezain arrain fresko eta ona ekartzea dagokio, baina batez ere, berea bio baino bioagoa dela aldarrikatzea. Bere burua kalitatearen berme gisa plantatu behar du arrantzaleak. Hori du erronka.
Zeintzuk dira 68 urteko apez baten erronkak?
Zutik segitzea, herriaren erronkak nire egin eta aski indar eta kemen izatea beti gazte segitzeko. Langabeziari buruzko lan bat eraman nahi nuke, elikagai bankua bezalako proiektuak bultzatu, elkartasun sareak ehundu... baina ez unean uneko adabakiekin soilik, egiturak aldatuz baizik. Nondik sortzen da krisia? Nondik miseria? Erroetara jo eta saiatu gauzak aldatzen. Bistakoa da jendarteak funtzionamendu desegoki bat daukala. Denak ala inor ez, baina horrela ezin da. Nik ontzi bat bezala ikusten dut mundua eta ez dut jasaten, krisiaren izenean, jende bat kareletik itsasora botatzea bertan ito dadin. | news |
argia-8fbfb1f6b73d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/gurpilak-saltzeko-ideia-biribila-jatetxe-gida-ezagunenaren-jatorri.html | Gurpilak saltzeko ideia biribila, jatetxe gida ezagunenaren jatorri | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-11-30 00:00:00 | Gurpilak saltzeko ideia biribila, jatetxe gida ezagunenaren jatorri
Clermont-Ferrand (Okzitania), 1900. André eta Édouard Michelin anaiek Frantziako auto-gidari aitzindarientzako errepide gidaliburua prestatzea eta argitaratzea erabaki zuten. Hamaika urte lehenago Michelin gurpil fabrika abiarazi zuten, eta negozioak etorkizun handia izan arren, promozio pixka batek kalterik egingo ez ziela pentsatu zuten. Hala, bi urte lehenago, 1898an, Bibendum maskota sortu zuten, O'Galop diseinatzailearen laguntzaz. Nahiz haren izena oso ezaguna ez den, panpinaren irudia ikono bihurtu zen, zenbaitetan "michelin" hitza txitxien sinonimo bihurtzeraino.
1900ean argitaratutako lehen Michelin Gida hark errepide mapak biltzen zituen, jakina, eta garaiko gasolindegi eta tailer mekaniko urriak non zeuden jasotzen zuen. Badaezpada gurpilak norberak aldatzeko eta matxura errazak konpontzeko jarraibideak ere gehitu zituzten, eta larrialdietarako guardiako medikuen berri ere ematen zen.
Lehen urte hartan 35.000 ale banatu zituzten doan, kopuru ikaragarria orduan Frantziako Estatu osoan 2.400 auto inguru zeudela kontuan hartuta. Baina liburuaren helburua, aurrez zeudenen beharrei erantzuteaz gain, auto-gidari berriak sortzea zen; kotxe gehiago salduz gero, Michelin anaiek gurpil gehiago salduko zituzten. Eta ez soilik Frantzian. 1904an Belgikako gida atera zuten, 1907an Aljeria eta Tunisiakoa, eta 1909an ingelesezko bertsioa argitaratu zen lehenengoz.
Lehen Mundu Gerrako etenaldia eta gero, 1920ko hamarkadan, Michelin Gida Bibendum panpina bailitzan gizendu zen. Doakoa izateari utzi zion eta orri kopurua handituz joan zen, informazio atalekin batera. Gaua non eman, non bazkaldu edo afaldu... Hotelak agertzen hasi ziren eta, jakina, jatetxeak. 1926an Michelin anaiek pentsatu zuten jatetxeak gomendatzeko erraz ulertuko zen sistema sinbolikoa behar zutela eta horretarako izarrak erabiltzea erabaki zuten. Baina hiru izarren sistema ezaguna ez zuten 1931 arte finkatu. Azkenik, 1936an, izarren esanahia definitu zuten:
Izar bat: oso jatetxe ona bere kategorian.
Bi izar: sukaldaritza bikaina, desbideratzea merezi du.
Hiru izar: sukaldaritza onenetakoa, bidaia horregatik bakarrik egitea merezi du.
Izarren itzalean, beste mito bat sortu zen: jatetxeen maila balioesteaz arduratzen den ikuskarien armada misteriotsua. 2009an The New Yorker aldizkariak Michelin Gidaren ikuskariei buruzko erreportajea argitaratu zuen; espioitza nobela dirudi: "Michelinek ahalegin izugarria egin du ikuskarien anonimotasunari eusteko. Enpresaren goi kargu gehienek ez dute sekula ikuskaririk aurrez aurre ezagutu: ingurukoekin eta senitartekoekin lanbideaz ez hitz egiteko gomendatzen diete; eta Michelinek ez die sekula baimenik eman kazetariekin hitz egiteko". | news |
argia-f20cd0ad0208 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/virginia-basurto.html | "Mugikorretarako material ustiapenak ez luke gerra finantzatu behar" | Unai Brea | 2014-11-30 00:00:00 | "Mugikorretarako material ustiapenak ez luke gerra finantzatu behar"
Alboan Fundazioa, jesuitek Hego Euskal Herrian sortutako gobernuz kanpoko erakundea, uztailetik dago murgilduta bi urte iraungo duen Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainan. Besteak beste, ikusarazi nahi dute mugikor, ordenagailu eta bestelako gailuen eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gerraren arteko harremana. Virginia Basurto fundazioko teknikaria da kanpainako arduradun nagusia.
Zergatik nabarmendu nahi duzue gatazken eta teknologiaren arteko lotura?
Gatazketan gero eta eragin handiagoa dute baliabide naturalen ustiapenak eta salerosketak. Batez ere, gatazken finantzazioan. NBEren arabera, azken 40 urteetan sortu diren hamar gatazkatik lauk lotura zuzena dute baliabide naturalen ustiapenarekin. Kongo ekialdeko meategietan erauzten diren mineralak funtsezko osagaiak dira teknologia berrietan; kanpainaren bidez erakutsi nahi dugu zer eragin daukan gure bizi-estiloak beste leku batzuetan.
Eta zergatik bereziki Kongo?
Hango gatazkaren ezagutza zuzena dugu, lankidetzan ari garelako bertan diharduen Errefuxiatuen Zerbitzurako Jesuitak taldearekin. Gerrak dirauen hogei urteotan haien proiektuetarako diru laguntza eman dugu, eta eurek helarazitako salaketak hemen zabaldu ditugu. Kongokoa ahaztutako gerra da, baina kontuan izan behar da Bigarren Mundu Gerraz geroztik hildako gehien eragin duen gatazka dela: bost milioi inguru. Hogei urte hauetan intentsitate desberdineko aldiak izan badira ere, indarkeria etengabe eman da.
Zeintzuk dira gatazkaren gakoak?
Zaila da esplikatzea, osagai asko daude: tentsio etnikoak, beste herrialde batzuen interesak, lurren kontrola... Guk beti azpimarratzen dugu gatazka konplexua dela eta mineralak hor egotea ez dela haren arrazoi nagusia. Hori konponduta ez litzateke beste guztia konponduko. Baina jakin badakigu talde armatuek mineralen salmentatik ateratzen dutela dirua, askotan meatzariei estortsio eginez. Gatazkan parte hartzen ari diren talde guztiek egiten dute hori, Kongoko ejertzitoak barne. Dena den, azken boladan egoerak hobera egin du, besteak beste AEBek 2010ean onartutako lege batengatik.
Zein lege ?
Dodd-Frank Act. Horren arabera, hango burtsan kotizatzen duten eta Kongon edo inguruko herrialderen batean ustiatutako urrea, tantalioa (alegia, koltana), wolframa edota eztainua erabiltzen duten konpainiek bermatu behar dute mineral horiekin ez dela Kongoko gatazka finantzatu.
Gatazka-mineral esaten zaie lau horiei, ezta?
Bai. Baina hori definizio hertsiegia da, hain zuzen Dodd-Frank legetik datorrena. Gatazka-mineraltzat lau horiek baino ez dauzkate, eta Kongori dagokionez bakarrik. Guri gustatuko litzaiguke definizioa zabaltzea, eta munduko edozein lekutan, baliabide naturalen ustiapenak edo salerosketak gatazka bat eragiten edo finantzatzen badu, horien erabilera erregulatzea.
Zuen kanpainaren webgunean ikus daitekeenez, Europar Batasuna ere ari da lege bat prestatzen. Horretan eragitea duzue helburuetako bat.
Bai. Zuzentaraua eztabaidatzen ari dira, eta guk sinadurak bildu nahi ditugu Europako Batzordeari eskatzeko legea gogorragoa izan dadila orain arte proposatu dutena baino. Alegia, mineral "zikina" ez erabiltzea derrigorrezko betebeharra izan dadila, AEBetan bezala. Europarako zuzentarau proposamenak, dagoen-dagoenean, borondatearen menpe uzten du mineral horiek erabiltzea ala ez. Hori ez zaigu gustatzen; borondatezkoa bada, enpresek badute orain ere egitea, eta ez dute egiten. Berbarako, ELGAk (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) gida bat kaleratu zuen, lau mineral horiekin arduraz jokatzeko, eta enpresek ez dute erabiltzen.
Eta Dodd-Frank legeak ekarri du onurarik?
Bai. Lege horri eta bertako gobernuak hartutako zenbait neurriri esker, gaur egun esan daiteke Kongon erauzten den mineralaren bi heren "garbiak" direla. Baina heren bat asko da oraindik. Eta kontsumitzaileok ez dakigu, ez daukagu modurik jakiteko, gure mugikorretako tantalioa, wolframa eta abar nondik datozen, zer baldintzatan ustiatu diren, nork atera duen etekina... Eta mugikorra dioanean, esan nezake, ordenagailua, tablet-a, kamera digitala... Europako legeak balio behar luke erosleok hori jakin ahal izateko. Kontsumitzaileok enpresei adierazi beharko genieke mugikorrak erabiltzen jarraitu nahi dugula, baina ez dugula nahi horrekin gatazkak finantzatzerik.
Munduko tantalio edo koltan erreserba ezagunen %80 Kongon dago. Ezinbestekoa da mineral hori teknologia berrietan?
Bai. Tantalioak, oso mineral kantitate txikiarekin, elektrizitate asko metatzeko gaitasuna dauka. Hori dela-eta, funtsezkoa da gailu txiki eramangarrietan. Beste metal batek bete lezake funtzio bera, baina askoz leku gehiago okupatuko luke. Alternatibak bilatzeko ikerketak martxan daude, baina dena den, Kongon ditugun lagunekin hitz egin eta gero gure jarrera da hango minerala ustiatzen jarraitu dadila. Bertako jendeak esaten du meatzaritzan jarraitu nahi duela, baina baldintza egokietan: bertatik ateratzen den etekina beraientzat izan dadila. Hau da, gatazka amaitu dadila.
Nor ari da minerala ustiatzen? Zer enpresa?
Ez dira enpresa handiak, gizon eta emakume talde txikiak baizik. Eskuz egiten dute lan, batzuek zeru zabalean eta beste batzuek lurpean, inolako kontrolik eta segurtasun neurririk gabe. Orain saiakerak daude umeek behintzat lan egin ez dezaten, eta zerbait lortu da. Horrez gain askok talde armatuen estortsioa jasaten dute.
Multinazionalak ere ez dira urruti ibiliko, ordea...
Horiek Kongoko nahasmendua baliatzen dute lehengaiak merkeago erosteko. "Gatazka hau oso konplexua da eta guk ez dugu hor eskua sartzerik", esaten dute. Eta guk diogu agian gatazka konpontzeko ahalmenik ez dutela, baina euren esku dagoen guztia egin dezakete mineral salmentaren bidez talde armaturik ez finantzatzeko.
Emakumeen kontrako indarkeria Kongoko gatazkaren osagai nagusietakoa da. Zuen kanpainak horri ere erreparatzen dio.
Zoritxarrez, sexu indarkeria gatazka askotako elementua da, baina Kongoko kasua paradigmatikoa da. Urtero 100.000 bortxaketa daudela kalkulatu da –kopuru horri buruz eztabaida dagoen arren–, eta gainera salatu diren kasuak oso gogorrak dira: emakume bakarra hainbat gizonek bortxatzea, infektatutako objektuak erabiltzea... Emakumearen suntsiketa gertatzen ari da, eta haien bitartez komunitate osoarena. Beharrezkoa da emakume horiek beren bizitzen jabe bihurtzea. | news |
argia-3eb4f3fefc3d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/legean-kantiatuta.html | Legean Ka(n)tiatuta | I�aki Odriozola Sustaeta | 2014-11-30 00:00:00 | Legean Ka(n)tiatuta
Norbaitek aho betez demokrata dela esaten badit, erne jartzen naiz. Izan ere, urteekin ikasi dut, bere burua demokratatzat duela dioenak, zinikoa ez bada, egiaren jabe delako ustea izaten duela, eta, hortik, hurrengo pausoa, beste guztiei bere demokrata-tasuna inposatzeko saiakeran aritzea izango dela.
Gizatalde batek besteei norberarena inposatzeko joera ez da egungoa. Izatez, historian zehar, eliteek euren inposizioa legitimatzeko modu desberdinak izan dituzte, bai liderraren karisma, bai ohituren indarra, edo armada garaiezin bat. Oinarrian, beti, bortxazko indarra.
Ilustratu liberalek, XVIII. mendean, garaiko elite burgesaren boterea babesteko kontzeptu berri bat asmatu zuten: legea. Liderrek, ohiturek, armadek agintzen dutena, derrigorrez eta mehatxuz betetzekoa bezala agerrarazten ziguten, eta legeak agintzen duena, ordea, norberak bere buruari, eta guztiok geure buruari inposatzen diogun betebeharra. Kantek teorizatutako autonomia moral haren ondorio sozial bezala.
Aurrerapauso handia izan omen zen hau, gizabanakoa, eta euren arteko elkarbizitza babesteko. Denok moralki autonomoak izan nahi dugu, eta hor, ustezko betiereko legean katiatuta utzi gintuzten elite zapaltzaileen aldeko ideologoek, burujabe izan nahian, geure burua euren menpe jarriz.
Horren harira, demokrata ongileak entzuten ditut legea goraipatzen, guztien artean egina dela, guztiok betebeharrekoa, jendarteko bakea ziurtatzen duen abstrakzio aldaezina. Eta bakea, justizia, askatasuna edo eskubideen gaineko balio bilakatzen dutenez, demokrazia bera, hitzaren zentzua galduz, legea betetzean oinarritzen dute, herritarrak menpean iraunarazteko sistema politikoa zapaltzailea bihurtuz.
Eliteak egoera dagoenean jarraitzeko erabiltzen duen baliabidea da legea. Legearen inperioa beste legitimazio moduak bezain inposatzailea da, baina sendoagoa, abstraktua, ikusezina. Sakoneko sinesmen sor bezala barnerarazten digute, eta bereiztea ere zaila egiten zaigu: geure burua aske sentitzen dugu, eta legea, berezko betebeharrekoa.
Euren burua demokratatzat dutenak faxistak direla datorkit burura. Adibide asko daukagu demokrata horiek pertsona arriskutsuak direla konturatzeko, alde batetik, politikoki bikaintzat dutelako euren burua, eta etikoki besteak baino goragokoak sentitzen direlako, egia, eta beraz, ongia platoniko-kristaua (ateoa izan arren), zer den baitakite.
Ausartuko ote dira katalanak, azaroaren 9a eta gero, demokraziaren izenean legea apurtzen, bortxazko indarra demokrata haien esku izanik? | news |
argia-1a13bccc21d6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/urtarrilean-1go-zenbakia.html | Urtarrilean 1.go zenbakia | Onintza Irureta Azkune | 2014-11-30 00:00:00 | Urtarrilean 1.go zenbakia
"Alea", astekaria izango da eta Araba osoan banatuko da. 32 orrialde koloretan izango ditu. Egitasmoa Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak, Goienak eta Berriak jarri dute abian. Bi helburu ditu proiektuak: euskararen erabilera eta presentzia areagotzea eta euskarazko informazioaren bitartez lurraldea kohesionatzea.
0 zenbakia aurkezteko, azaroaren 29an jaia antolatu dute Oihaneder Euskararen Etxean. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Gasteizko hamaika gunetan eskutik eskura banatuko dute 0 zenbakia. Urtarrilean argitaratuko da 1. go zenbakia. Harpidetza urtean 50 euro izango da. | news |
argia-86d13f39c386 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2439/aldaketa-lau-alderdiko-gobernua-nafarroan.html | Aldaketa: lau alderdiko gobernua Nafarroan | Xabier Letona | 2014-11-30 00:00:00 | Aldaketa: lau alderdiko gobernua Nafarroan
Nafarroan ez dira hauteskundeak aurreratu, baina joan den asteko navarrometro ak datorren Foru Legebiltzarrerako emandako emaitzek (Podemos 18 eserleku, EH Bildu 11, UPN 8, PSN 5, Geroa Bai 4, Ezkerra 2, PP 1 eta UPyD 1) gutxitan moduan aztoratu dute panorama politiko-mediatikoa. Angelu gehienetatik egindako irakurketa nagusia zera izan da: ez dira sinesgarriak, baina aldaketarako joera oso argia adierazten dute hauteskundeetarako. Inkestak aspertzeraino izango direnez datozen sei hilabeteetan, joera horiek joango dira zehazten apurka.
Eta hauteskundeen biharamunean moduan, emaitzen ostean balizko akordioetarako unea dator. Inkestaren muturrera joz, UPNk hauteskundeak berak irabaziko dituela adierazi du. Norekin egingo lukeen akordiorik ez, baina esan beharrik ere ez.
Begirada guztiak Podemosen jarri dira eta haien bozeramaile Joan Boschek bere iritzia eman du, berak Geroa Bai eta Ezkerrarekin egingo luke akordioa, baina Bildurekin egin nahi izango dutenak ere izango direla aitortu du. Eta Bildu urrutitik ikusi nahi ez dutenak ere izango dira haserrearen alderdian. EH Bilduko Adolfo Araizek argi adierazi du, prest daude Podemosekin biltzeko. Asko du EH Bilduk irabazteko aliantza horretatik, baina Podemosek ere bai, behintzat herritarrei eta beren programa eta ideiei begira. Berriz ere, baina, Espainiako beren batzar osoak erabakiko du ahal den ala ez. Eta gaurkoz Bildurekiko erantzuna Espainian ezetza da. Aldaketatik begiratuta, berau eskatzen duten lau alderdien gobernua litzateke logikoena eta eraginkorrena: Podemos, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra. Gaitza? Bai, baina kalean azken lau urteetan behin eta berriz elkartu diren boto emaileen borondateari lotuz gero, ez luke hain zaila behar.
Desagertutako izarra bailitzan, navarrometro a itzaliko da apurka, baina bere argi izpiak 2015eko maiatzaren amaieraraino luzatuko dira dagoeneko, besteak beste UPNko hautagaiaren sei hilabeteko gurutze-bideari argi eginez. Eta nor ote berau? José Javier Esparza sailburua, Juan Ramón Rábade Tuterako Ospitaleko zuzendaria edo Amelia Salanueva senataria? Hilaren 29an erabakiko du UPNko Kontseilu politikoak. Barcinaren dimisioarekin –barka manipulazio txikia– eta navarrometro arekin Nafarroako eskuina hasi da botorako tronpeta jotzen. Pentsa baino gehiago estutuko dute lehia, baina denak adierazten duenez, oraingoan galtzeko.
Josep Fontana irakurtzea plazer da beti, ikasgaia bata bestearen atzean. Zorroztasuna eta zuhurtzia darion historialariari Katalunia independenterik nahi duen galdetu dio kazetariak elkarrizketan: "Bai horixe. Baina jabetzen naiz zailtasunez. Arrazoi askorengatik, ez zait iruditzen epe motzean lor daitekeen helburua denik. Indarrez irabazi behar bada, Kataluniak ez du armadarik. Eta zail ikusten dut beste era batera –negoziazioz– irabazteko aukera, batzuk zein besteak ez baitaude amore ematekotan eta nazioarteko testuingurua ere ez da aldekoa. Badakit ez naizela berau ikusteko biziko".
Suhiltzaile lanetan dabil Fontana, A9aren ostean baretzen ez den Kataluniako sutean. Eta zer egingo du Masek azkenean? Lortuko du ERC hauteskunde zerrenda bateratura eramatea? Oriol Junquerasen alderdiak ezetz esan zuen joan den astean, baina argi dago oraindik ez direla ateak itxi, are gutxiago A9an Masen irudiak aparrak moduan gora egin ondoren. Eta are gutxiago soberanismoak Masen aurkako kereila Kataluniako herriaren aurkako eraso gisa hartu duenean. A9aren aurreko asteetan bezala, orain ere azken uneak erabakiko du Masen proposamena. Eta ERCrena. Gero eta garbiago dago, hala ere, martxoa amaitu aurretik egingo direla hauteskundeak. Hori inork gutxik jartzen du zalantzan. El Periódico k iragan asteburuan ezagutzera emandako inkestaren arabera, elkarrekin baino (58 eta 60 artean) banatuta eserleku gehiago lortuko lituzkete (63 eta 67 artean).
Masek independentziaren aldeko hautua egina ei du datorren legealdirako, beti ere, La Vanguardia ko kronista politikoa den Isabel Garcia Paganen berbak aintzat hartzekotan. Honen esanetan, batera edo banatuak joanda, bi indar hauek gehiengo osoa lortuz gero, Masek bi helburu izango lituzke datorren legealdirako: edo Espainiarekin egiazko kontsulta adostea Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko, edo Espainiako Gobernuarekin independentzia negoziatzea. | news |
argia-72ac2fc7fd25 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/erresistentzia-baketsurako-eskubidea.html | Erresistentzia baketsurako eskubidea | Xabier Letona | 2015-05-31 00:00:00 | Erresistentzia baketsurako eskubidea
Gasteizen herri harresi esperientzia berri bat bizi izan zen hilaren 18an. Egoera injustu bati erresistentzia baketsuaren eta desobedientzia zibilaren bidez erantzutea zen protestaren muina. Espainiako Estatuak joan den hamarkadan finkatutako "dena da ETA" eta haren ondorioei gaurko ikuspegi eta estrategiekin erantzutea. Hori da orain eta eta hori baino gehiago ere izan liteke etorkizunean.
Gasteizkoa aztertzerakoan klabea da 'erantzuna' berba, hori baita azken finean, horren basati eta injustuki zigortutako gazteak egiten ari direna, haien jardun politikoagatik jarritako urteetako kartzela zigorrei erantzutea. Erantzun Auzitegi Nazionalari, erantzun Espainiak gezurrean eta torturan finkatutako estrategia errepresiboari.
Horregatik da bitxia, esaterako, halako tituluak irakurtzea: " La izquierda abertzale desafía a la Ertzaintza con otro 'muro popular' " (Deia, maiatzak 18). Funtsean protesta ekintza den honetan desafiorik egotekotan, herri harresietako gazteek Auzitegi Nazionalari egiten diotelako desafio, Estatuari, eta ez Ertzaintzari. Jakina, Ertzaintza kasu honetan Estatuaren polizia denez, egoera zaildu egiten zaio, berau agintzen duen Eusko Jaurlaritzari ere zailtzen zaion moduan. Kontraesanak ageriago azaleratzen dira.
Edo ez al da kontraesana Estatuaren ilegalizazio estrategiarekin bat ez datorren Jaurlaritzak agindutako poliziak bete behar duela Auzitegi Nazionalaren agindua? Beste kapitulu baterako azterketa da, baina badira moduak eta moduak eta Gasteizkoan erabilitako biolentzia "proportzionalak" ez du Ertzaintzaren aurpegirik onena erakusten. Zer ote litzateke "ez proportzionala"?
Eskubide zibilei eragiten dien neurrian giza eskubide kontua da gazte horiekiko zigorra. Parte-hartze politikorako dagoen eskubidea urratzen da nabarmen Auzitegi Nazionalaren zigorrekin, honek Konstituzio Auzitegiaren bedeinkazioa duen arren. Eta euskal gizarteko gehiengo oso handia dago "dena da ETA" doktrinaren aurka.
Behin eta berriz gogoratu behar da: Segi, HB edo Batasunakoa izateagatik bakarrik zigortzen ari dira pertsonak; ez auto bat erre, kale istiluetan triskantzak egin edo etakideekin kolaboratzeagatik… ez, soilik erakunde horietako kide izateagatik. Giza eskubideen ikuspegitik, azken zigorraren sententzia irakurtzea lotsagarria da: Segiko bilerek, pegatinek eta Jarrai eta Segiko kartalek eramaten dituzte gazteak sei urtez kartzelara.
EAJk hasieratik argi adierazi zuen "dena da ETA" estrategiaren kontrako jarrera. Kalera ere atera izan da ezker abertzalearekin batera oinarrizko eskubideen alde. 2013ko urrian EH Bilduk eta EAJk "eskubide zibil eta politikoen begirunea" eskatzen zuen agiria plazaratu zuten elkarrekin Eusko Legebiltzarrean.
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzako agiriak giza eskubideen begiruneekiko erreferentziaz beteak dira eta salbuespen legediak bertan behera uzteko garaia dela ere argi zehazten da horietan. Baita ere Ertzaintzak aro berrian giza eskubideekiko begirune eta babesean izan behar duen garrantzia. Orduan, nola ezkontzen dira posizio horiek eta Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren injustizia hauek betearaztearekin? Bai, polizia integralarenak azaltzen du Estatuaren ikuspegia; baina bakea eta normalizazio politikoari dagokion ataletik nola azaltzen du fenomenoa Jaurlaritzak? Ez dago ezer esaterik? Hori da salagarria dena, alderik interesgarrienean ez duela ezer esaten.
Analisian erratu egingo da pentsatzen duenak Gasteizko herri harresi kapitulu berri honek ezker abertzalearen hauteskunde estrategiari erantzuten diola. Epai hau maiatzaren 6an iritsi zen Madrildik, ez zuen ezker abertzaleak jarri hauteskunde kanpainaren atarian. Baina hori baino garrantzitsuagoa, herri harresien dinamika hau ez da atzo goizekoa, berau bultzatzen duten gazte sektoreek berezko bizitza eta estrategia dute, alderdien dinamikatik ihes egiten dute eta haien oinarria Estatuaren injustiziari erresistentzia baketsuarekin aurre egitea da.
Euskal gizarteko gero eta sektore zabalagoen elkartasuna bereganatzen ari dira apurka, eta harrigarriagoa dena, Espainian ere elkartasunaren hariak mugitzea lortu dute. Nork pentsa zezakeen hori duela bost urte. | news |
argia-51cc96665572 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/belarria-independentziarako.html | Belarria, independentziarako | Jose Inazio Basterretxea | 2015-05-31 00:00:00 | Belarria, independentziarako
Ur irinezko orea da hizkuntza, ogi nahiz gozoki. Hizkuntza da tresna kognitibo eta azaltzaile bat: mundua jaso eta mundua opatzeko. Horrez gain, komunitate baten ikur zein ispilu ere bada hizkuntza, hainbat aldiz zedarritutako nazioaren ezaugarri objektibo-subjektiboen ardatz dardaratian dantzan.
Lanabes askoren laguntzarekin ezaugarritu dira historian komunitateak; hizkuntza da horietako bat, duda barik. Adibidez, francophonie bada kontzeptu bat frantses hizkuntza darabilten bai estatuak, bai erkidegoak, eta bai hiztunak nolabait senidetzen dituena, etnien gainetik eta administrazioen gainetik; inoiz, kolonizaziorako erreminta izan bada ere. Francophonie delakoak bideratu du usu pasaporteari ihes egin izan diona, lurraldetasun kontzeptu hertsitik zelanbait aske, kultur komunitate irekia sortuta.
Hizkuntza da, hartara, entzun daitekeen lurraldea. Belarrian, badakigu euskara zer den, eta zer ez den. Badakigunez frantsesa zer den, eta zer ez den. Argiagoak dira euskararen nota eta soinu linguistikoak, euskararen muga administratiboak baino.
De facto, belarrian, independentea –bere buruaren jabe– da hizkuntza. Hizkuntza bat entzuten den tokian, han dago hiztunaren eta herritarraren lorratza, eta haien existentzia ere. Hizkuntza non, han haren lurraldea. Pasaporte diferenteek lurralde entzungarri bera izan dezakete administrazioen gainetik: euskalfonia, gure kasuan.
Baina, garen bezalakoak gara. Autobusean sartu eta, han KissFM irratia; pelukerian, Radio Nervión; kiroldegian, RockFM; herriko tabernan, TV5; etxean, Plus belle la vie. Dialetan, hautua egiteko libre gara: gure esku dago erabakimena.
Berezko independentzia mota bat dakar hizkuntzak. Ez bakarra, jakina. Hizkuntza da bokaleko ibaiadar lokabea, ibilbide propioa duena, antzeko hainbat jarioren eta goraldiren ondoan. Hizkuntzak bere uraska, bere aberri entzungarria, sortzen du belarrian; bat etorri hori muga administratiboekin zein ez.
Bai manifestazioek, bai hauteskundeek, eta bai erreferendumek ere –gozoki onak izaki– askeago eta independenteago egingo gaituzte. Seguru.
Baina, ogia ere beharko da bidean. Euskararen konpainiak belarrian ez gaitu mendekoago egingo. Alderantziz baizik: laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, euskarak egiten gaitu, egin, independente, egunero. | news |
argia-a1c644d1bb37 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/literatura-irakaskuntzan.html | Nola egin aurre ikasgelan testuliburuaren aginteari | Kepa Matxain | 2015-05-31 00:00:00 | Nola egin aurre ikasgelan testuliburuaren aginteari
Unibertsitatearen atarian, eta euskal literaturaz ia arrastorik ez. Betidanik izan da literaturzalea espezie gutxitua. Auzia jakintza da ordea, ez zaletasuna. Zer dela eta dute egungo gazteek euskal literaturari buruzko hain ezagutza urria? Arrazoiak askotarikoak izango dira, ziur asko: aisialdi eredu gero eta pasiboagoa, erreferentzia gero eta globalagoak... eta hezkuntzak ere izango du zerikusirik. Egun eskolan literatura irakasteko ereduaz mintzatu dira Idurre Alonso, Amaia Serrano eta Ur Apalategi irakasleak.
Irudi distortsionatu eta azaleko samarrarekin amaitzen dute D ereduko ikasleek Batxilergoa Hego Euskal Herrian, euskal literaturari dagokionez behintzat. Idazle ezagunez galdetuta, oro har, botatzen dituzte klasiko batzuen izenak –Etxepare, Axular, Txomin Agirre–, garaikide kanonikoenak –Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionandia–, eta hezkuntza sistemako zirkuituan sartzea lortu dutenenak –Fernando Morillo, Jasone Osoro–. Halaber, emakumezkoen aldean, askoz ere gizonezko idazle gehiagoren berri dute, eta narratiba da, batez ere, irakurtzen duten generoa. Datu oso orokorrak dira, gai horri buruz Irati Urkiolak iazko Egan aldizkarian argitaratutako artikulutik ateratakoak, baina, besterik ez bada ere, eztabaida mahai gaineratzeko balio dezakete: egokia al da eskolan literatura irakasteko modua?
Egun, "Euskal hizkuntza eta literatura" ikasgaiaren barnean irakasten da euskal literatura. Alegia, curriculum legeak hala aginduta, hizkuntzaren eta literaturaren edukiak modu berezituan lantzen dira, nahiz eta, sarritan, irakasleek garrantzi berezia ematen diotenez ikasleen hizkuntza maila hobetzeari, literatura ia jorratu ere ez duten egiten. Dena dela, literatura irakastea erabakitzen duten kasuetan, bi helburu aintzat hartuta egiten dute: literaturaren historia transmititzea, ikasgelan, eta liburu bat irakurraraztea, etxean. Idurre Alonsoren ustez, badu indargune bat eredu honek: ikasleek euskal erreferente batzuk barneratzen dituzte. "Irudipena dut sarritan beste muturrera egiten dugula jauzi orain. Sor dezatela, goza dezatela, baina euskal literaturaren izaera landu gabe", dio. Hala eta guztiz ere, indargune baino gabezia gehiago ikusten dizkio.
Historia, testuliburura murriztua
Literaturaren historiari garrantzi handia aitortzen dio Alonsok, baina argi du hura irakasteko beste molde batzuk bilatzea ezinbestekoa dela. "Ez gara lortzen ari ikasleek beren kultura ezagutu dezaten, eta hori oso larria da". Amaia Serranok ere eredua aldatu beharra dagoela uste du, literaturaren historia "oso modu tradizionalean" irakasten delako, "testuliburuan datorren informazioa azaltzera mugatuz". Ur Apalategiri, berriz, iruditzen zaio testuen antologia bat erabiltzea baino askoz gehiago izan behar lukeela literaturaren historiak. Testuek produzituak izan diren gizartearekin eta garaiarekin zer-nolako elkar eragina izan duten ikusi beharko litzateke beti, haren ustez: "Testua eta testuingurua, biak elkarrekin aipatu behar dira, bai bata bai bestea ongi ulertu ahal izateko".
Serranori bururatzen zaizkio proposamen batzuk: "Zergatik ez dizkiegu erakusten Leizarragaren testu zatiak, Jainkoari hika egiten ziola ulertzeko (eta hautu hori zergatik egiten duen jakiteko); Joanes Etxeberrik Uztaritzeko Biltzarrari bidalitako gutunaren pasarte bat irakurtzen, garaian euskaraz argitaratzeko zeuden arazoez jabetu daitezen; Axularrek ustez Materrari euskaraz ikasten lagundu ziola kontatzen, garai hartako idazleen arteko harremanez hitz egiteko, Oihenarten poemen irakurketa egiten, literaturaren kalitateaz ohartzeko; edota Laphitzek egindako santuen biografien pasarteren bat irakurtzen historiaren eta fikzioaren arteko mugez eztabaidatzeko?".
Irakurketa irizpideak, bakoitzak bereak
Batxilergoko curriculumek ez dute zehazten zein irizpideri erreparatu behar dion irakasleak ikasleek irakurri behar duten liburua aukeratzerakoan. Erabakia irakaslearen bizkar gelditzen da, eta hark bi helduleku nagusi izaten ditu: Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duen "Idazleak ikastetxeetan" programa eta argitaletxeen promozioak. Gertatzen da, halaber, irakaslea sariren bat jaso duten liburuen alde lerratzea, edo, besterik gabe, bere irizpide pertsonalen araberako irakurgaiak hautatzea. Berez, baina, zer hartu behar luke kontuan?
Alonsok uste du ordua dela askotariko irizpideak aldarrikatzeko. "Batzuetan, euskal literaturan iraultza ekarri duten idazleak ezagutaraztea izango dugu helburu. Beste batzuetan, egileen izaera eta idazmolde ugari aztertzea, edo bideolit ak, book trailer -ak, edo antzekoak egitea... Une bakoitzean, helburua erdiesteko egokia den liburua hautatu beharko dugu". Serranok ere faktore ugari zerrendatu ditu: genero literarioen arteko oreka, liburuko kontakizunean planteatzen den mundu-ikuskera, pertsonaien eraikuntza (estereotipatua den ala ez), idazlearen generoa, eta beste hainbat. Gisa berean, iruditzen zaio irakasleak liburu bat baino gehiagoren artean hautatzen utzi behar liekeela ikasleei, haien gustuko liburu bat topatzeko aukerak areagotzen direlako, eta, era horretara, ez dutelako inposatutako irakurketatzat hartuko. Apalategiren ustez, ostera, garrantzitsua da hautatzen diren obrek ezaugarri bat betetzea: ikasleari balio behar diote bizi den gizartea eta bere burua hobeto ulertzeko. Haren irudiko, irakasle ona ez da ikasleen soslaiaren araberako irakurgaien zerrenda atsegina osatzen duena, baizik eta trebezia aski daukana ikasleen arreta erakartzeko berari interesgarriak iruditzen zaizkion obretara. "Badakit listoia oso goian jartzen ari naizela, baina listoia beheregi jarriz ez da jauzi handirik egiten inoiz".
Literaturara zaletzea, eskolaren ardura?
Ikasle askorentzat eskola da literaturara hurreratzeko aukera ematen dien espazio bakarra. Gauzak horrela, bere gain hartu behar al luke gazteak literaturzaletzeko ardura? Baiezkoan dago Serrano, nahiz eta uste duen beste hainbat esparrutatik ere eragin daitekeela horretan (telebista saioetatik, sareko programetatik, mugikorretako aplikazioetatik...). Gazteentzat literatura erakargarri izan dadin, irakasteko metodoak gehiago lantzearen aldekoa da. Bururatzen zaizkion proiektuen artean daude Etxepare Rap, Xerezaderen Artxiboa, eta gehiago: "Berri Txarrak taldeak, esaterako, badu Emazten Fabore II izeneko abesti bat. Izenburua Bernart Etxepareren Emazten fabore poeman dago oinarrituta, eta bi testuen arteko elkarrizketa ulertzeko eraginkorra izan daiteke bien arteko konparaketa egitea (bakoitzaren testuinguru sozio-historiko-kulturala kontuan hartuz, noski)". Aipatzen du, era berean, eskola batzuk ibilbide literarioak egiten hasiak direla, inguruko kaleen eta plazen izenak autoreekin lotuz. "Literatura koadroekin, poemekin, objektuekin edota usainekin ere uztartzen denean, zentzu handiagoa hartzen du, eta emaitzak ere hobetu daitezke".
Alonsori zailago zaio galderari erantzutea. Iruditzen zaio eskolaren eginbeharra dela euskal herritar aktiboak heztea, ingurua ezagutuko dutenak eta inguruarekiko konpromisoa izango dutenak. Eta, horretarako, irakurtzea ezinbestekoa da haren ustez. "Zaletzen baditugu, are hobeto, baina funtsezkoa gaitzea da: irakurtzeko, pentsatzeko, jarduteko eta sortzeko gaitzea".
Apalategirentzat literatura eskolen helburu nagusiak ez du ikasleen zaletasuna piztea izan behar. "Matematika irakasleari ez zaio galdatzen ikasleak matematikazaletu ditzan. Zergatik eskatzen zaio hori literatura irakasleari, orduan? Literatura bezalako humanitateei errespetua galdu zaie erabat, eta hori berreskuratu behar dugu. Literatura ikastea ez da matematikak ikastea baino garrantzi gutxiagokoa". Gaineratu duenez, herritar batek literaturan jantzia izan behar du gure gizarteak funtziona dezan. "Gai garrantzitsu bakarrak humanitateetatik kanpokoak baldin badira, alegia, ekonomia eta enpresa mundua elikatzeko bokazioa dutenak, esan nahi du europar zibilizazioaren muinari uko egiten diogula, demokraziari uko egiten diogula. Gero kexatuko gara gazteak despolitizatuak direla. Baina despolitizazio hori eskolan bertan hasten da, humanitateak desprestigiatuz!".
Pedagogia berriak, zinezko aldaketa ala aitzakia perfektua?
Ekarpen interesgarriak egin dituzte pedagogia berriek Apalategiren iritziz. "Arazoa da sistema politiko-administratiboek azken hamarkadetan ideia berritzaile horiek baliatu dituztela literaturaz duten ardurarik eza estaltzeko". Metodo berrien defentsa egin izan da esanez irakurgaiek plazera eragin behar dutela, baina iruditzen zaio hitz horrek tranpa handi bat ezkutatzen duela. "Norberaren gustuen eta mailaren araberako irakurgaiak bakarrik ematen baditu eskolak, bere eginbeharra ahazten ari da". Jokabide horren ondorioa garbi dakusa Apalategik: giro sozio-kultural aberatsetan hezitako haurrei irakurgai zailagoak eta interesgarriagoak –aberatsagoak– emango dizkie irakasleak, eta familia giro xumeagoetan hezitakoei, berriz, irakurgai pobreagoak eta errazagoak. "Beraz, eskolak desberdintasun sozialen erreprodukzioa eragingo du, guztiz antidemokratikoa bihurtuz".
Alonsori, ostera, oso uste okerra iruditzen zaio pentsatzea hezkuntza ikaslearen interesetatik abiatzea ikasketak erraztea dela. Ikasleen interesetatik abiatze hori gaizki ulertzen delakoan dago. "Ideala ez da ikasleei gustatzen zaizkien idazleak irakurtzea, baizik eta antzematea zeintzuk diren beren interesguneak eta saiatzea motibatuko dituzten formatuen bidez literatura lantzen, kanonean ditugunak nahiz bestelakoak aipatuz, kanonetik kanpo artelan asko ditugu eta". Iruditzen zaio oraindik ere kostatu egiten dela irakaskuntza sistema gaitasun terminoetan ulertzea, eta aldaketa horrek bazterrean zein eduki utziko ote dituen beldurrez daudela zenbait. Kezkagarria iruditzen zaio hainbat kritikariren eta idazleren diskurtsoa: "Talka gisa bizi dute literaturak izan dezakeen funtzio sozialaren eta irakurtzen, ulertzen, interpretatzen, sortzen... ikastearen arteko harremana. Nola ernaraziko du literaturak, ez badugu literatura ulertzeko biderik jartzen?". | news |
argia-b3dee5366c7b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/otondoa-eta-sugeria.html | Otondoa eta sugeria | Jakoba Errekondo | 2015-05-31 00:00:00 | Otondoa eta sugeria
Berrogeitik gora gaitz sendatzeko belarra omen da otondo-belarra, Stachys officinalis . Lakoizketak sugeria eta betuna izenak ere jasoak ditu. Sugeria, suge sugandila eta antzekoek sortutako gaitzak sendatzeko ere ona delako deituko zaio, apika. Betunak, Mediterraneoaren inguruko hizkuntzetan landare hau izendatzeko erabiltzen duten "betonika" izango du iturri, noski edo...
Otondo-belarra, otea edo otondoaren ( Ulex sp. ) lagun izatetik ote datorkio? Biek gustuko dute lur azido silizeduna. Ogi papurrari otondo ere deitzen zaiola irakurri dut. Lan egin nahi duen hizkuntzalariarentzat: ogi labea berotzeko otea bezalakorik ez omen dago; otondo-belarra otearekin batera etorriko zen; ogi papurra otondoa... Eta segizioan, otondo-belarra sendabelar onenetakotzat hartua da, milaka urteko eskola osatuta dago berarekin; "berokia saldu eta otondo-belarra erosi" diote italiarrek. Beste erabilera xelebre ugari ere badu: tabakoa lurrintzeko bere hostoa nahasten zitzaion, sorginkerietatik eta mamuetatik babesteko eta amesgaiztoak uxatzeko iduneko jartzen zen, buruko estutasunak askatzeko, lehortutako hosto ehoen hautsarekin doministikua eragiten da, infusio freskagarri gisa hartzeko egokia, jangarria, lorik ez egiteko oherakoan zukutu eta edaten zuten. Sorginengandik eta deabruengandik babesteko baratzeetan eta komentuen, baselizen eta elizen inguruetan landatzen zen. Zertarako, ordea, lorik egin nahi ez? Loa baino babes hoberik ez dut ezagutzen. Niretzat lorik eza da deabrukerietarako bide motzena. Italiarrek duten beste esaera batek dioen eran, bere azken liburuarekin "otondo-belarra bezain ezaguna" egin den Munilla idazleari galdetu beharko diogu... Erantzuten digunarekin, agian, espainolek erabiltzen duten esaera ahotan hartu beharko dugu: inorentzako ele onak edo konplimenduak azaltzeko "otondo-belarrak adina bertute du" esaten dute. Zenbaitek loa galarazi beharrean erraztu egiten duela dio. Munillarengana ez hurbiltzeagatik, hori sinestu nahiago nik.
Gaitz ugarirentzako sendabidea. Garai bateko toki mitikoetan aldatu eta zaindua, sorginkerien, deabruen, amesgaiztoen aurkaria. Loarentzako erremedioa. Buruko minaren aringarria. Lepoan eramateko moduko laguna. Ore bereko opilak, otondo-belarrarenak. | news |
argia-8a9fbd327aac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/herri-harresia-gasteizen.html | Indar eta indarkeria erakustaldiak | Axier Lopez | 2015-05-31 00:00:00 | Indar eta indarkeria erakustaldiak
Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutako azken zazpi gazteak atxilotu dituzte. Hauetatik lau epaia publiko egin aurretik atzeman zituzten, eta hiruk ihes egitea lortu zuten. Milaka pertsona eskubide zibil eta politikoen alde kalera atera ostean, Gasteizen, harresi trinko baten babesetik erauzi zituen Ertzaintzak joan den astelehenean. Etxean eta nazioartean oihartzun berezia izan du kasuak, eta mugimendu berriak izan dira.
Zantzu guztien arabera Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du ARGIAk azaleratu zuen Ertzaintzaren eskaera: epaiak publiko egin aurretik zigortuak atxilotzeko baimena ematea. Herri harresiak saihestu nahi dituzte horrela, baina bide katramilatsua da hori. Batetik, atxiloketak legez kanpokoak izan direla salatu dute senideek, bestetik, epaia irmoa izan gabe atxilotu dituztelako eta, zaila den arren, Epaitegi Gorenak gazteren bat absolbituko balu agerian geratuko litzatekeelako; eta azkenik, agerian geratu denez, nahikoa delako zigortuetako batek ihes egitea ekidin nahi duten elkartasun erakustaldia berdin-berdin gertatzeko.
Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua etxeko lanak egiten ari da bitartean. Hainbat herritako Libre lantaldeak, harresiak eta Eleak mugimendua sendotze prozesuan murgilduta daude. Kasuan kasu erantzuten duen dinamika izatetik, Euskal Herriko talde gehienak elkar koordinatzen diren mugimendua izatera igarotzen ari da. Horrek eragina izan du Gasteizko harresiaren parte-hartze jendetsuan.
Desobedientziaren bidean ere jauzi kualitatiboak atzeman dira Gasteizen. Identifikazioak zailtzeko maskarak jantzita eta aurpegiak marraztuta, burutik behera pintura botatzeko prest diren desobedienteak, desalojoa zailtzeko sarea eta kateak, elkar lotutako solidarioak... geroz eta zailagoak dira atxiloketak. Erronka berriak irekitzen dizkio honek mugimenduari. Konpromiso maila ezberdina duten herritarrei harresian beren lekua eroso aurkitzea izango da horietako bat, inor ez kanpo sentitzea.
Hiru lagun atxilotzeko Ertzaintzak 300 pertsona atera eta hiru ordutik gora behar izan ditu. EAEko poliziaren bortxakeria herri harresi guztietan presente izan bada ere, Gasteizen bereziki nabarmendu da. Egun argiz eta kameren aurrean kolpeak, borrakadak eta ostikoak eman dituzte. 70 pertsona artatu behar izan dituzte erizain bolondresek, tartean harresitik atera ostean hanka dislokatu dioten gazte bat. Balantzaren beste aldean, 17 agente zauritu. Zauritutako ertzain gehienak beren artean erorita edo elkar jota zauritu zirenez, gustu txarrekoa da zauritu guztiak maila berean jartzea, hainbat hedabidek egin bezala.
Gasteizkoaren ondoren, galdera nagusi bat geratu da airean: Zergatik aritu zen Ertzaintza horren bortitz ? Zaila da planteamendua ulertzea, eta gako batzuek ezkutuan behar dute oraindik. Polizia ereduak berak izango du zerikusi handirik, baita beldurraren hedapenak ere; bortxa baita elkartasuna indargabetzeko mekanismo eraginkorretako bat. Hala ere, kostu politikoa du herritarrak horren agerian jipoitzeak.
Harresiek epaitegietara jauzia egingo dute. 20 lagun baino gehiagok abokatu taldea osatu dute. Lehen aldiz, erasoen frogak bildu eta identifikatutako ertzainen aurka salaketak jarriko dituzte.
Torturaren erabilera politikoa
Zilegi al da tortura Eusko Jaurlaritzarentzat? Lakuako gobernuaren ekimenez, 1960tik gaur arte izan diren 3.600dik gora tortura salaketa bildu ditu Pako Etxeberriaren lantaldeak. Tartean, Ertzaintzak kartzelara bidali dituen zazpi gazte hauena ere bai ziurrenik. Torturaren aurka hitz egin arren, gazteak atxilotuz, praktika horri zilegitasun politikoa ematen ari zaio Eusko Jaurlaritza, gazteok atxilotzeko dagoen oinarri bakarra torturapean ateratako autoinkulpazioak baitira, eta beraz, legedia betearaziz, torturaren erabilera politikoari zilegitasuna ematen dion aktore nagusietako bat bilakatu da Eusko Jaurlaritza.
Herritarren parte handi baten nahiak eta eskubideek sistemaren legalitatearekin topo egitean piztu dira behetik gora mugimendu berriak mundu zabalean: M15, Occupy Wall Street edo Tahrir plazako mugimenduak... Desobedientzia zibila, espazio publikoaren okupazioa eta justizia eskaerak oinarri hartuta, batean eta bestean fenomeno herrikoiak gorpuzten doaz. Euskal Herrian ere herri harresien mugimendua gako beretan kokatzen da.
Zazpi gazteen auzia, eskema identitariotik harago, "justizia vs legea" eskeman kokatzea izan da azken harresiaren lorpen esanguratsuetako bat. Bueltan emaitzak jaso dira: mundu mailan eskema alderdikoietatik at kokatzen diren mugimendu ugariren atxikimendua, animoak eta oihartzuna. Ohiko lagun nekaezinen sostenguaz gain, elkartasuna iritsi da hainbat herrialdetatik: Espainiako estatua, Grezia, Alemania, Australia, AEB, Ingalaterra, Irlanda, Herbehereak, Errusia, Ukraina, Italia… Sistema demokratikoa berreraikitzea eskatzen duten taldeekin konplizitatea sortzen lan handia geratzen bazaie ere, Euskal Herritik bertatik hasita, pausu kualitatibo handia eman da Gasteizen. Espainiako estatuan ere, Gasteizkoak jarraipen oso zabala izan du eta sare sozialen bidez M15 bueltako kolektibo ugarik babesa adierazi dute. Baita hainbat alderdik ere lehen aldiz, hala nola, Equo, Izquierda Unida, Podemoseko hainbat zirkuluk... Eta bereziki aipagarria da ELAren kritika , Ertzaintza barruan hirugarren indar sindikala dela kontuan hartuta: "Injustiziaren aurrean erresistentzia pasibo ez biolentoa eskubidea da, eta iritsi da euskal indarrek daukagun autogobernuaz gogoeta bat egiteko unea. Gero eta agerikoagoa da, autogobernua estatuko botereek hartutako erabakiak betetzera mugatzen dela".
Mugimenduak duen erronka nagusiari heldu dio horrela: alderdikerietatik aldendu eta bere burua den bezalakoa agertzea, denen eskubideen defentsan lan egiteko prest dagoen herritar taldea.
Galdera berriak aurrera begira
Desobedientzia zibilarekin eta herri harresien aldarrikapenarekin bat datozen alderdien esku balego Gobernua, EH Bildu kasu, nola kudeatuko lituzkete herri harresiak eta Ertzaintza?
Datorren auzi politiko handia Herriko Tabernen aurkakoa izango da. Zigorra etorriz gero, EAJ prest egongo al da Euskal Herriko indar politiko nagusietako baten 107 lokal publiko konfiskatzen laguntzeko?
Milaka pertsona espazio publiko berean bildu ditu harresien mugimenduak. Elkarren zaintzatik abiatuta, kolektibitate sentimendua indartzeko zer egin daiteke aurrerantzean?
Libre talde berri asko sortu dira azken urtean, gehienak epaiketa politiko zehatzei erantzuteko. Epaiketetatik harago, beste zerbait berriaren ernamuina al da hau?
Herri harresien dinamika politikoki jasanezin bilakatzeko arriskuaren aurrean, emango al du pausorik Jaurlaritzak kondena injustu hauekin amaitzen laguntzeko?
Gasteizko herri harresia, Topaturen bideoa: | news |
argia-d984ee4ae56e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/espainiako-estatua.html | Ziklo berria: "S�, se puede" | Pello Zubiria Kamino | 2015-05-31 00:00:00 | Ziklo berria: "S�, se puede"
Paristik Le Mondek laburbildu du gertatua: "Séisme politique en Espagne". Harriturik, antza, Europa betean posible delako hauteskundezko mugimendu handi guztiak ez amiltzea eskuinerantz, Frantzian bezala, edo berrikitan Bretainia Handian bezala... edo justu igandean bertan Gipuzkoan legez. Londrestik The Guardianek ipini zuen moduan: "Indignado jendeak agindu ahal izango du Madril eta Bartzelonan".
Estatuko bi hiriburu nagusietan Syriza espainiarrak agintea hartu ahal izateak eta, batik bat Madrilen, hainbeste urtetan botere osoaren jabe izan denak jasandako zigorrak berretsi du hainbestetan iragarritako ziklo aldaketa iritsi dela. Hamabost egun lehenago David Cameroni bezala ez zaizkio harri azpitik azaldu Mariano Rajoyri gastu sozialetan murrizketa gehiago eskatuz milioika boto ezkutu beldurti. 2007an ekonomiak nozitutako ziklo aldaketa zortzi urteren buruan politika espainiarrera iritsi da.
Ziklo politiko berriaren itxura ezagutzeko, ordea, udazkena arte itxaron beharko da. UPyDri opil zatia janik eskuin populista eta nazionalista espainolaren bandera hartu duen Ciudadanos itxura batera estankaturik, falta zaigu Podemosen gorpuzkera ezagutzea. Aktore berri nagusia, euro-parlamentario sorta bat lortu zituenetik burtsak eta aginte ekonomikoak urduritzea lortu duen Podemos ezkertiarra, Madrilgo Parlamentura zenbaterainoko indarrez iritsiko den jakitea falta da. Orduan ikusiko da ea benetan hasi dena den ezkerraren aldeko aro bat non Podemosek lortuko duen aspaldi Izquierda Unidak eta PSOEk edukitako boto ezkertiarrak bereganatzea, eskuinari aldi baterako gaina harturik. Ala Syrizarik ez den izango Iberian.
Edonola ere, Partidu Popularrak agur egin dio gehiengo osoz agintzeko ohiturari: 6 milioi boto, 2011ko 8,4 milioien lekuan. Lehen indar izaten jarraitu arren, Extremadura, Valentziako Erkidegoa, Kantabria, Aragoi, Gaztela-Mantxa eta Balear Uharteak galdu ditu. Aginte politikoa, ekonomikoa eta epaitegietakoa, dena nahi eran luzaz maneiatu ostean, negoziatzen ikasi behar berriro.
Bere ondoan, PSOEk lortu du 2011ko gainbeherari erremedioa aurkitzea, baina 5,5 milioi botoekin urrun dago duela lau urteko 7,7 milioietatik. Hauteskunde biharamuneko lehen erreflexua Podemosekin elkarlanean hastea izan da. Burtsak eta indar ekonomikoak hasten direnean Podemosekiko terrorea hedatzen, orduan kontuak.
Euskaldunok arreta berezia jarriko diegu Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentziako Erkidegoan gertatuko diren mugimenduei. Azken biotan, urte luzetako agintealdi harroak eragindako ustel usainak, kiratsak hobeto, eraman du errekara hango PP. Politika sozialak, hizkuntza politika... Aldaketa zertan mamitzen den ikusi behar.
Katalunian funtsean Bartzelonan Ada Colauk eragin duen lurrikarak aro berri batean sarraraziko ditu katalanen nazio eskakizunak. Irrikaz erreparatuko diegu Euskal Herritik. Podemos? Ada Colau bezala Bartzelonako hondakinentzat Atez Atekoa proposatzen duen Guanyem nekez erkatu daitezke gure EAEn kultura politiko bera aldarrikatuz aurkeztu diren pertsona eta siglekin. Bartzelonakoekin asko ikasiko dugu euskaldunok beti legez.
Bada lehentasunezko gai bat interesatzen zaiguna euskaldunoi Espainiako Estatuko mugimenduetatik: bake prozesuan zertan eragingo? Paradoxikoki, aukera berriak sortzen ari dira. EAJk ase du Gipuzkoa bereganatzeko obsesioa eta ezker berria indarrean dator Espainian. Adi Manuela Carmenari. | news |
argia-dd32cf691026 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/eaeko-batzar-nagusiak.html | EAJk zentraltasuna irabazi du | Mikel Asurmendi | 2015-05-31 00:00:00 | EAJk zentraltasuna irabazi du
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusien gobernagarritasunak EAJren esku izanen dira ia ziur. Jeltzaleek Bizkaian sendo jarraitzen dute, Araban indarrez sartu dira eta EH Bildurekiko lehia irabazi dute Gipuzkoan. EH Bilduren eta EAJren arteko hegemonia lehian EAJ nagusitu da. EAEko batzarkide kopurua hauxe da: EAJk 54 ditu, EH Bilduk 39, PSEk 21, Podemos/Ahal Duguk 20. PPk 17, Irabazik eta Ciudadanosek (C´s) bana. Azken biek Araban baino ez dute ordezkapenik lortu. Iraganeko ordezkaritzak kontuan hartuta PSE eta PP alderdiak dira galtzaileak, PP erabatekoa. EAJz beste garailea Ahal Dugu da, indarrez sartu baita lurralde historikoetako hiru gobernuetan.
Araban PP izan da bozkatuena
PPk lortu du boto gehien Araban, alabaina, EAJk alderdi popularrak baino eserleku bat gehiago bereganatu du: 13 batzarkide jeltzale izanen dira 12 popularren aldean. Datu esanguratsu bat: PPk 35.484 boto jaso ditu Gasteizko udal bozetan eta Batzar Nagusietan berriz, 34.406. Maroto efektuak ez du eragin bera izan foru gobernuen ordezkariak hautatzerakoan. Antza, PPko Javier De Andrés ahaldun nagusiaren agintaldia amaitu da. EH Bilduk boto eta batzarkide kopurua berritu ditu, baina ez du lortu espero zitekeen igoera. Bistan denez, Ahal Duguren agerpenak murriztu du bere garatze egingarria. Ahal Duguren emaitzek indar berri horren sendotasuna berretsi dute.
Ramiro Gonzalez jeltzalearekin garai berria heldu da Arabara. Halere, EAJk akordioa lortu beharko du, joko politikoa oso irekita dago. EH Bilduk (11 eserleku), Ahal Duguk (8) eta Irabazik (1) 20 batzarkide batzen dituzte. EAJk, PSEk eta C´sek, berriz, 19. Badago datu azpimarragarri bat: Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Irabazi eta C´s indarrek batzar nagusietan sartzea lortu dute. Bestalde, eskuinaren eta ezkerraren arteko lehian agertoki politikoa zabaldu da. PSEren eta PPren jarrerek seinale berriak ekar litzakete euskal politikara, EAJk Madrilekiko itun politikaren bidea argitu lezaketenak.
EAJ are nagusiagoa Bizkaian
Bizkaia da jeltzaleen berezko lurraldea. Azken hamarkadan Bizkaiari esker atxiki izan du EAEko hegemonia politikoa eta berriz ere hautesleek berretsi diote nagusitasuna eta politikarako zentraltasuna. Unai Rementeria izanen da ahaldun nagusi berria. Hala ere, badago datu esanguratsu bat: Bizkaian abstentzioa 1,5 igo da duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta. Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan ez bezala, herritarren parte-hartzeak behera egin du. EAJk 23 batzarkide lortu ditu. Bat irabazi du, baina ia 4.000 boto galdu. EH Bilduk eserleku bat eta 15.000 boto inguru galdu ditu. Araban gertatu legez, garapen bidea moztuta geratu zaio une batez. Ahal Duguk jasotako botoek eragina izan dute bilakabide horretan dudarik gabe. Iñaki Uriartek zuzentzen duen indar berriak ia 82.000 boto jaso du lehen aldikoz eta 6 batzarkide izanen ditu politikan eragiteko. PSEk jipoi galanta jaso du, bi batzarkide galdu ditu, baita ia 30.000 boto ere bere berbetan berezko duen lurraldean. Ahal Dugu sartzeak berebiziko eragina izan du, ageri denez. PPrena erabateko porrota izan da. Bera da alderdi galtzaileena: 8 batzarkide izatetik 4 izatera pasa da, 35.000 herritarren sostengua galduz. Bistan denez, EAJk ziurtatuta dauka aginte makila, haatik, lurraldeen arteko itunen beharrean –udalerrietako itunak barne– PP eta PSErekiko politiketan bere nagusitasuna nola erabiliko duen ikuskizun dago, baita oso interesgarria egon ere. EH Bildu eta PSE Bizkaiko politiken erabaki nagusietan ez dira izango, baina ezkerreko politikak aldarrikatzen segitu behar dute. Ezkerreko politikaren ikuspuntu batetik, ezkerreko politikak gauzatzerakoan, EH Bilduk, PSEk eta Ahal Duguk 24 batzarkide dituzte, EAJk baino bat gehiago. EAJren eta PPren arteko sintonia izatea edo ez izatea adierazgarria izanen da oso, baita adierazgarria ere, bere burua ezkerreko alderditzat duen PSEk etorkizuneko politika nola gauzatuko duen ikustea. PSEren nahiz PPren geroa ez da batere samurra antzematen.
Jeltzaleek hegemonia kendu diotE EH Bilduri Gipuzkoan
EAJ Gipuzkoan beste inon baino nabarmenago izan da irabazle. 18 batzarkide izanen ditu, duela lau urte baino lau gehiago. 32.000 boto irabazi ditu. Markel Olanok berreskuratu du ahaldun nagusiaren kargua. EH Bildu galtzaile atera da EAJrekiko hegemonia lehian. 5 batzarkide eta 15.000 boto gutxiago ditu. PSEk eutsi dio zeukan ordezkaritzari. Gainerako euskal lurraldeetan jasan dituen boto galerak ikusita, batzarkide bat baino ez duela galdu esan daiteke, boto kopuru bertsua jaso baitu Gipuzkoan. Hainbat udalerritan jaso duten sostenguak berretsi diote lurralde honetan baikor agertzeko. Antza, Ahal Duguren emaitzak eragin handiagoa izan du EH Bildun PSEn baino. PP izan da guztiz galtzaile Gipuzkoan, lau batzarkide zituen eta bakarrarekin geratu da. Ia 25.000 boto galdu ditu. Estatuko Gobernua zuzentzen duen alderdia dela kontuan harturik, PP indar marjinala izatera pasa da. Ezker politikaren ikuspegitik, lurralde honetan beste inon baino are interesgarriagoa dago politikagintza. EH Bilduk eta Ahal Duguk 23 batzarkide dituzte EAJren 18en aldean. EAJk eta PSEk 27 batzarkide dituzte eta euren arteko akordioaz Batzar Nagusiak osatuko dira arazorik gabe, baita Foru Aldundiaren gobernagarritasuna ere. Hala ere, PSEren apustua, hau da, ezkerraren espazioan kokatzen omen den alderdi sozialistaren politika EAJren eskutik eramateak izanen dituen ondorioak inoiz baino eraginkorragoak izanen dira alderdi sozialistaren bilakabidean. Ez alferrik, Ahal Dugu indar berria heldu da, baita geratzeko heldu ere.
Abstentzioa handia izan da
Abstentzioa %35 ingurukoa izan da EAEko Batzar Nagusietan. Nafarroan ez bezala, –Foru Parlamenturako hautesleen %72k eman du bozka– datu adierazgarria izan da bozka eman gabe geratu den hautesle kopurua. Alderdi batetik besterako botoen joanarazte posiblea baino, hainbat boto-emaileren abstentzioa ere kontuan hartu beharko litzateke. Halaber, EAEko hiru lurralde historikoetako emaitzek utzitako gogoetagaien artean hauek nabarmendu daitezke: EAJ eta EH Bilduren arteko lehian jeltzaleak garaile jalgi dira. Eusko Legebiltzarreko datorren urteko hauteskunde bitartean –udazkeneko Espainiako Kongresurakoak tartean–, emaitza hauek EAJk Madrilera begirako politika orokorrean aurrerapauso bat ematera behartzen du nolabait. EH Bilduk berriz, egin duen autokritikaren funtsa zein den argitu beharko du. PPk eta PSOEk inoizko une estuena bizi dute Euskal Herrian eta Podemos/Ahal Duguk politikaren aldaketarako giltza eskuratu du. | news |
argia-beefd0ee0530 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/endika-etxebarria.html | "Bloga bezalako mila espazio euskaldun egiten badira, Ertzaintza euskalduna izango da" | Onintza Irureta Azkune | 2015-05-31 00:00:00 | "Bloga bezalako mila espazio euskaldun egiten badira, Ertzaintza euskalduna izango da"
Endika Etxebarria Harlax blogaren administratzailea da. 2013an, ertzainen artean euskararen erabilera bultzatzeko euskarri xume gisa abiatu zuten bloga lau ertzainek. Hala dio blogak: Ertzainak ere euskararen alde. Hemen edo han... baina egin. Etxebarria blogaria eta ertzainen euskara irakaslea da Arkauteko Akademian.
Zergatik sortu zenuten bloga?
2013an sortu genuen, baina aurrekariak ditu. Ertzainei euskara eskolak eman eta gero, blog txikiak irekitzen genituen ikasleekin izandako harremana ez galtzeko, eta haiek euskararekin lotutako haria ez galtzeko. Materiala jartzen genuen lanean jarrai zezaten. Ahalegina eta inbertsioa alferrikakoak izaterik ez genuen nahi: euskalduna zara eta ez galdu daukazun maila.
Duela bi urte sortu zenuten gaur egungo bloga?
2013an serio hartu genuen eta zerbait egonkorra egitea erabaki genuen. Beste blogak ezabatu egin genituen. Leloa jarri genion: Ertzainak ere euskararen alde . Harlax izena dauka, bere garaian argitaratzen zen ertzainentzako aldizkari teknikoak izen hori baitzeukan. Lau gabiltza blogean, denak euskara irakasleak edo trebatzaileak gara. Ni naiz administratzailea. Besteek e-postaz eta fotokopia bidez edukiak pasatzen dizkidate eta nik eskegi egiten ditut. 2013ko Euskararen Egunean, abenduaren 3an, hasi ginen lanean.
Sare sozialetan ba al zaudete?
Twitter eta Facebook dauzkagu. Lehenengoan bigarrengoan baino dinamikoagoak gara. Euskara munduan Ertzaintzarekin lotura daukaten kontuak zabaltzen ditugu. Aurrekoan adibidez, isuna jarri zioten emakume harena zabaldu genuen. Hernaniar batek isuna jaso zuen, baina ertzainekin euskaraz egitea lortu zuen eta bere poza agertu zuen.
Blogean zer eskaini nahi duzue?
Ez da euskara ikasteko gunea. Guk euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, ertzainak motibatu eta informazioa elkarbanatu. Gurean euskara ikasten ari diren ertzainak blogean sartzera animatzen ditugu, baita hizkuntza eskakizuna ateratzeko asmoa dutenak eta eskolara etortzen ez direnak ere. Ertzaintzako gaiekin zerikusia daukaten kontuak jartzen ditugu, lanbidearekin zerikusia daukaten bideoak, eta sarri hiztegi teknikoa biltzen duten albisteak edo artikuluak.
Borondatez egindako bloga da. Antzeko webgune ofizialen batek egon beharko al luke?
Nik uste dut baietz. Ertzainen erdia hamar urte barru jubilatuko da. Arkauten ikasle direnen erdiek B2 maila egiaztatuta daukate, eta askok EGA daukate. Lehen pentsaezina zen, baina hainbat ikasgai euskaraz ematen dira gaur egun. Euskararen aldeko bultzadak alde guztietatik etorri behar du, ikasleen aldetik, blog xume baten aldetik...
Euskararen aldeko indarra sumatzen duzu Ertzaintzan?
Apurka-apurka badator bultzada, gizartean gertatzen den bezala. Garai batean Garitanoren [Gaizka Garitano Eibarko futbol entrenatzailea] jarrera ulertezina izango zen, baina orain Almerian ere ulertzen dute.
Olatuaren gainaldean gaude eta baliatu egin behar da. Arkauteko Akademian euskaraz asko egiten da, lehenengo hitza euskaraz da, mintzalagun taldeak dauzkagu, Korrikan hartu dugu parte. Garai batean pentsaezinak ziren horrelako egoerak. Gaur egun aurrerapauso handiak ikusten ditut.
Bloga euskararentzako espazio bat dela diozu. Zu ertzainen euskara irakaslea zara. Beste espazio bat izango da hori.
Eskoletara datozenek ez dute elkar ezagutzen eta hori baliatzen dugu beraien artean euskaraz egiteko ohitura har dezaten, zeren betiko ezagunekin gaztelaniaz egiten dute. Lagun berriekin kode berriak erabiltzea proposatzen diegu. Eskolakoa espazio bat da, eta espazio hori nolabait sarera eramaten saiatu gara. Gureak bezalako mila espazio euskaldun egiten badira, Ertzaintza euskalduna izango da, seguru.
Ertzain euskaldun asko dagoela diozu. Herritarrak ez dauka inpresio hori. Sarri euskaraz egin ezinik geratzen gara.
Duela ez hainbeste urte gomendioak atera ziren. Herritarrek dauzkaten eskubideen artean lehenengoa hizkuntza eskubidea da. Eskubide guztiak errespetatu behar dira, hori barne. Zein izan daiteke prozedura? Barkamena eskatzea, funtzionarioak ez baitu betetzen legedia eta ezin du zerbitzua eskaini. Herritarrak eskubidea dauka, eta ez du zertan uko egin. Barkamena eskatu eta euskara dakien agentea aurkitu beharko du.
Batzuetan dena ulertzen dute, baina ez dira hitz egiten ausartzen.
Hizkuntza eskakizuna lortzen dutenek B2 maila dute. Ez dute bikain hitz egiten, eta jendearekin aritzerakoan atzera egiten dute. Agian, egoera errazetan molda daitezke, baina egoera bortitzak edo hiztegi teknikoa eskatzen dutenak badira ez dira ondo moldatzen. Euskara ikasleek aitortzen dute euskaraz egiten dutenean edo saiatzen direnean jendearen jarrera hobea dela. Sarri, hizkuntza eskakizuna eduki ez arren, euskaldun zahar direnak askoz hobeto moldatzen dira horrelako egoeratan. | news |
argia-332f6f7cb7b8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/aniztasunaren-konplexutasuna.html | Aniztasunaren konplexutasuna | Urko Apaolaza Avila | 2015-05-31 00:00:00 | Aniztasunaren konplexutasuna
Udaletako hauteskunde emaitzen mapan duela lau urte baino aniztasun handiagoa ikus liteke Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Kolore aldaketak Gipuzkoari eta Nafarroari eragin die batez ere, baina zeintzuk izan dira horretarako gakoak?
EAJren boterea handitu egin da nabarmen udal hauteskundeotan. Nahikoa da duela lau urteko eta oraingo mapak elkarren ondoan jartzea horretaz jabetzeko. Seguruenik udaletako aldaketa nabarmenena Gipuzkoan sumatuko da. 2011n Bilduk sekulako sorpasoa jo zuen lurralde horretan, ia bere aldeko monokromo bihurtzeraino. Koalizioak gehiengo absolutuz lortutako udal ugariek eta Aldundia ere bere esku geratu izanak Gipuzkoako politika irauli zuen zenbait arlotan. Orain ordea herri askotan –eta Aldundian– kolorez aldatuko da gobernua, eta EH Bilduk ezin izango du agintetik segi transformazio horrekin.
EAJk iraganean bere esku izan dituen hainbat herri berreskuratu ditu Gipuzkoan (Tolosa, Azkoitia, Ordizia…), baita ezker abertzalea sendo egon ohi den beste zenbaitetan irabazi ere, kasu esanguratsuena izan liteke Arrasate (25.000 biztanle). Bizkaian ere EH Bilduri ihes egin diote Gernikak, Lekeitiok, Sopelak… EAJk aldiz hegemonikoa izaten segitzen du lurralde horretako gehienean. Antzera gertatu da Araban, baina neurri apalagoan: EAJk Agurain,eta Aiara berreskuratu ditu eta EH Bilduk Laudion, esaterako, lehenengo indarra izaten jarraitzen du.
Kudeaketaren irakasgaiak
EAJ eta EH Bilduren arteko azken urteetako lehian gol ederra sartu dute jeltzaleek oraingoan. Hala ere, koalizioak 300.000 bototik gora lortu ditu eta Gipuzkoan eta Nafarroan hautetsi gehien dituen indarra da. Baina hori ez da ezeren kontsolagarri. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak oso kritiko hitz egin zuen hauteskunde gauean: "gauza asko gaizki" egin dituztela onartu zuen eta kudeaketan egin zuen azpimarra.
Kudeaketaz hitz egitean, badirudi Arraiz hondakinez ari dela gehienbat. Atez Atekoaren inguruan hainbat herritan sortutako kalapitak EH Bilduri kalte egin diola uste du askok. Plastikozko poltsak balkoietan, firma bilketa masiboak… Legazpin, esaterako, kanpaina izugarria egin zen hedabide batzuetatik sistema horren kontra, eta gauza bera Pasaian, Bergaran... Aldiz hasieratik hondakinen kudeaketa zentzuzkoaren aldeko mugimendu biziak eta autonomoak izan dituzten herrietan (Usurbil, Hernani, Oñati…) EH Bilduk eutsi egin dio. Irakasgai bat izan liteke hori.
Iruzur salaketek fakturarik ez
Nolanahi ere, hauteskundeetako emaitzak ikusita, ematen du ustezko kudeaketa txar guztiak ez direla berdin zigortu, ezta auzitegietan amaitu dutenak ere. Bidegiren kasuan EAJko hainbat kide daude nahasirik AP-1 autobideko obretan aurkitutako iruzur zantzuetan. Azken asteetan Gipuzkoako Aldundiak zuzenean seinalatu zituen bi alkategai jeltzale: Donostiako Eneko Goia eta Lazkaoko Felix Urkola. Batak zein besteak emaitza onak lortu dituzte ordea eta boterean izango dira.
PPri ez bezala –udal askotan desagertu egin dira popularrak– ustelkeria salaketek ez diote fakturarik pasa EAJri. Epsilon eta Hiriko moduko auzietan bere kideak tartean dauden arren, adibidez, 2011ko boto kopurua erraz berdindu du Araban eta orotara zinegotzi gehiago lortu ditu.
PSE-EEk maldan behera segitzen du
Gipuzkoan udaletan izandako emaitzek lortu dute sozialisten enegarren porrota nolabait mozorrotzea. Lurralde horretan 6.000 boto gehiago atera dituzte eta lortu dute Lasarte-Orian gobernatzeko adinako indarra edukitzea, baita Pasaian irabaztea ere, hemen emaitza bikoiztu du PSE-EEk. Oarsoaldeko hainbat herriren kasua zehatzago aztertzeko modukoa izan liteke: azkeneko hauteskundeetan parte-hartze oso baxua izan zen eskualde horretan, baina oraingoan batez bestekoa baino askoz gehiago igo da eta aldaketa handiak izan dira mapa politikoan.
Baina Idoia Mendiaren alderdia ez dago etxafuegoak botatzeko. Bizkaian eta Araban milaka boto egin du behera. Garai batean Ezkerraldean erabat nagusitzen zen alderdiak gaur egun apenas mantentzen duen Portugalete kontrolpean, Hego Euskal Herriko bosgarren hiri handienean, Barakaldon, EAJrekin teknikoki berdinduta geratu baita.
2011n Sestao galtzea mingarria izan zen sozialistentzat. Lau urte geroago aldea handitu egin du EAJk, edo hobe esanda EAJko alkate Josu Bergarak. Gasteizen Marotok azkenaldian bezala (ikusi koadroa), Sestaon Bergarak behin baino gehiagotan jaurti ditu mezu arrazistak. Entzun diogu adibidez etorkinez eta ijitoez mintzatzerakoan esaten "kaka hori" ez dela herrian sartuko. Hori dela-eta auzitara eraman dutenean ordea, kanpoaldean txaloka izan ditu herritarrak. Emaitza: 8 zinegotzi izatetik 13 izatera igaro da.
Nafarroan aldaketak udaletan ere
Nafarroan aldaketa ez da soilik Parlamentuan islatuko. Udalerri askotan UPN boteretik kentzeko aukerak sortu dira (Lizarra, Tafalla...) eta hori eguneroko kudeaketan lagungarri izango du Uxue Barkosen balizko gobernuak. Bestalde, EH Bilduk 25 udalerritan lortu du gehiengo osoa eta Geroa Baik beste hirutan.
Nolanahi ere, bai Nafarroan eta baita beste lurraldeetan ere, akordioen jokalekuan neurtu beharko da orain hautestontziek emandako indarra, ez soilik udalak osatzeko, baita zerbitzuen kudeaketan (ura, hondakinak, garraioa, hiltegiak, euskaltegiak, industrialdeak...) oinarrizkoak diren makina bat mankomunitate, sozietate publiko eta partzuergoren kontrola eta funtzionamendua bermatzeko ere. Eta hor giltzarri izan daitezke, Podemosen babesarekin edo gabe, hamaika herritan zinegotziak lortu dituzten plataformak. | news |
argia-3e70394a8909 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/hirira-doan-bidea.html | Hiria eta ezkontza | Aritz Galarraga | 2015-05-31 00:00:00 | Hiria eta ezkontza
Hirira doan bidea
Natalia Ginzburg
Itzulpena: Pello Lizarralde
Igela, 2001
"Esan ohi da haur asko dagoen etxea alaia dela, baina nik ez nuen batere alaitasunik aurkitzen gurean". Delia da modu horretan mintzo dena. Hamazazpi urteko neskatoa. Bost neba-ahizpen artean bigarrena. Azalea ahizpa du aurretik: "Azkar ezkondu eta, Azaleak egin zuen bezala, handik alde egitea espero nuen. Azalea hamazazpi urte zituela ezkondu zen". Eta alde egin bai, baina nora? Bada, hirira. Hiriak ez du izenik, baina II. Mundu Gerra aurreko edozein herrixkaren ondoan dagoen hiria izan daiteke. Bidea, ordea, ez da beti izango ibiltzen erraza.
Ezkontza eta hiria, beraz. Hiria eta ezkontza. Bi horiek Deliaren zerumuga zedarritzen duten osagaiak. Hiria etorkizunaren sinbolo, aurrerabide, askatasunarena. Ez derrigor herria irrigarri utzita halere, ez bada urguilu txikia erakutsita: "Denak ez dira gu bezain sendoak. Gu nekazari artean bizi gara eta bera, aldiz, hiritik hurbilegi hazi da". Baina beti ere hiria helburu, hiria xede, hiria jomuga. Eta ezkontza, emakumeak garaitsu hartan izan zezakeen aterabide bakar. Baina, batetik, gainontzeko emakumeen oharrak: "Emakumeari ezkontzen denean hasten zaizkion arazoak. Hor ditun haurrak oihuka, senarra zerbitzatu beharra, bizitza zailtzen duten aita-amaginarrebak". Bestetik, Delia beraren asmo fermuak: "Pentsatzen nuen ezkondutakoan aske izan nahiko nukeela, eta primeran pasatu". Noraezean ibiliko dute –"limoi bat bezain berde dago eta beti ahoa okertzen ari da"–, aldiz pertsona sendoa da –"esan nion ez nuela neskame jartzeko gogorik, eta nahiago nuela fabrikan lan egin"–, eta gauzak konplikatzean, desio bakar bat izango du: "Lehengoa izatera itzultzea, nire soineko azula jantzi eta egunero hirira alde egitea, eta Nini bilatu eta ikusi ea nirekin maitemindua zen, eta Giuliorekin ere pinudian ibili, baina ezkontzeko beharrik gabe".
Hori denori estilo lau, xehe, soil batean azalduko digu Natalia Ginzburgek, hamazazpi urteko narratzaileari dagokion moduan, konplikazio narratibo handirik gabe, hausnar bereziki lodirik gabe, xalo-xalo eramaten gaituela lehen hitzetik azkenera, tentsioa mantenduz, atentzioa lotuz, gehiago gosez. Idazle italiarraren obrara sartzeko liburu aproposa iruditzen zait. Gerora etorri zirelako beste bi, Igela argitaletxean berean. Eta beti pentsatu izan dut Ginzburgek Pello Lizarralde bezalako idazle bat –ez bakarrik ona, halaber iradokitzaile– eraman bazuen itzulpengintzara –auskalo, motibo prosaikoagoak ere egongo ziren tartean–, derrigor izan behar zuela zer edo zer. Eta badu, alajaina, Hirira doan bidea zapaltzera ausartzen denak berehala igarriko dion bezala. | news |
argia-b2602ea0c116 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/gorputzaren-mapa-esploratzen.html | Gorputzaren mapa esploratzen | Nora Barroso | 2015-05-31 00:00:00 | Gorputzaren mapa esploratzen
3 urteko alabarekin bainontzian nengoen:
– Ama, zuk pototarekin jolasten al duzu?
Mikrosegundo batez zalantzati egon nintzen. Bere eraikuntza pertsonalerako egokia zen zerbait bota nahi nuen. Teorietatik at naturaltasunaren eta zintzotasunaren bidea hartu nuen.
– Bai maitia, baina ez beti, momentu batzuetan.
Uraren soinua besterik ez zen entzuten. Alabaren aurpegiari begira geratu nintzen, eta barne bakarrizketan...
"Ondo egin ote dut? Baietz esan diot, baina ezetza sartu dut gero. Ene, ezetzaren kontrako teoria ugari daude hortik, ea gaizki egin dudan! Baina kontua da ez dudala etengabe egiten".
Alaba urari so zegoen, kontzentratua.
"Nora, egia esan diozu eta kito. Ez da lotsatzeko kontua, gure bizitza sexualaren parte da eta! Nola hasi zinen zu ba zure gorputza esploratzen?! Ba horixe".
Konplizitate horrekin jarraitu nahi nuen eta hauxe galdetu nion:
– Eta zuk? Pototarekin jolasten al duzu?
– Bai ama, batzuetan.
Galdetzen jarraitu nuen.
– Eta nola jolasten duzu pototarekin?
– Kili kili kiliii.
"Latza! Ezingo nuke hobeki adierazi", pentsatu nuen eta izugarrizko barne poza sentitu ere bai.
Benetako pasarte hau txikikeria izan zitekeen, baldin eta pertsona baten sexualitatearen lehen urratsen adierazlea izango ez balitz. Eta horra gurasoaren zalantza, ardura, urduritasuna... izango duen erantzunaren inguruan.
Kontuak badu bere garrantzia gainera, haurtxoak eta haurrak poliki-poliki haien gorputzaren mapa osatzen joaten baitira. Esploratu gabe geratzen diren zatiak zulo beltzak bilakatzen dira eta zulo horiek (ezagutza faltaren metafora) haien buruetan ukazio txiki/handia sortu dezakete. Hainbat kasutan, ezabatze horiek sexualitate aske eta osasuntsuaren oztopo bihurtu daitezke. Gorputzaren mapa osatzeko informazioa bide desberdinetatik jasotzen dute. Bide horiek jorratzean haurra aske uztea inolako epaiketarik gabe eta bidelagun izatea aukeretako bat da. Haien barne indarra sendotzen laguntzea beraien aukerak bere egin ditzaten eta zoriontasunaren bidetik euren barne sorkuntza garapenetik eraikuntzak sortu ditzaten (kontuan hartuta haien zoriontasuna beraiena dela eta ez duela zertan gurearekin zerikusirik eduki behar).
Gurasooi edo haurren inguruan bizi garenoi ez gaitzala beldurrak edo ardurak blokeatu. Utzi diezaiegun haurrei guri irakasten eta hazi gaitezen beraiekin batera. Bidaia osasuntsua izan dezagula! | news |
argia-92c7e6ab9f85 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/norbaitek-darama-bugaled-breizh-bigarrenez-hondora.html | Norbaitek darama Bugaled Breizh bigarrenez hondora | Pello Zubiria Kamino | 2015-05-31 00:00:00 | Norbaitek darama Bugaled Breizh bigarrenez hondora
Roazhoneko (Rennes) epaitegiak ebatzi du: ezin da jakin zerk eraman zuen hondora Bugaled Breizh arrantzontzi bretainiarra bere bost eskifaiekin 2004ko urtarrilaren 15ean. Senideek eta istripua aztertu duten askok uste dute urpeko nuklear ingeles batek hondoratu zuela, inguruan NATOren aginduetan maniobretan ari zirela.
Hamaika urte luze pasatu diren arren, bada norbait misterioaren egia azaleratzerik nahi ez duena: zerk hondoratu zuen Bugaled Breizh arrantzontzi bretoia Bretainia eta Kornualles arteko itsasoan?
Maiatzaren 14an Roazhoneko epaileek errudunik zehaztu gabe itxi dutenean betirako dossierra, haserre mintzatu dira baporearekin batera galdutako bost eskifaien senideak. "Epaileek bigarren aldiz hondoratu dituzte ontzia eta marinelak", esan du Christian Bergot abokatuak. "Barre egin diete arrantzaleei eta itsasoko jende guztiari", oldartu da Thierry Le Métayer, Bugaled Breizh eko mekanikoaren semea. Europara jo beharko dute egia bila, Frantziak ezkutatzen dielakoan.
Bugaled Breizh (Bretainiaren Umeak bretoieraz) Loktudi herriko arrasteontzi bat zen. 2014ko urtarrilaren 15ean bost gizon zeramatzan karelean: Yves Gloaguen, Georges Lemétayer, Pascal Le Floch, Patrick Gloaguen eta Eric Guillamet. 37 segundotan irentsi zuen itsasoak, baporeari azpitik izugarrizko indarren batek tiraturik. Zerk, ordea?
Aurreko egunak Kornuallesko Newlyn herriko portuan egonak ziren aterpeturik, ekaitzari ihesi. Baretu zuenean itsasoratu ziren berriro. Dena lasai zirudienean, eguerdi beteko 12:30ean hondoratu zen, minutu erdi eskasean.
Eridan baporeak zabaldu zuen larrialdi deia. Ordu bete beranduago, Britainia Handiko Royal Navyko helikoptero batek bildu zituen bi gorputz. Larrialdietarako bizpahiru txalupa ere ikusi ziren uretan baina hutsik. Bost hilabete beranduago atera zuten itsasotik Bugaled Breizh . Geroztik Bresteko base militarreko bazter batean dago utzita.
"Egun haietatik gaurdaino –diote Bugaled Breizh eko eskifaien memoria zaintzen duten elkartekoek– baporearen hondoratzea esplikatzeko denetik aipatu da, gauza bat bezala alderantzizkoa, baina sekula ez da azaldu egia. Urteotan justiziak ez du lortu edo ez du nahi izan erantzukizunak aurkitu eta errudunak argi eta garbi izendatzea".
Baporeak arrastean zeraman sareak itsasoaren hondoan kateatzeagatik gertatu izana laster baztertu zen: azkarregi urperatu zen ontzia. Zamaontzi erraldoi batekin tupust egin izana ere aipatu zen, baita susmagarria izendatu ere, Seattle-Trader pakebote filipinarra. Gezurra, laster ikusi zen ikerlariak tronpatzeko trikimailua zela.
Hasieratik aipatua izan zen urpeko nuklearraren hipotesia. Bugaled Breizh en sareen kableek titanio arrastoak zeuzkaten, submarino atomikoek azalean daramaten materialarena. Istripua gertatu zen egunetan NATOko itsasontzi, urpeko eta hegazkinak maniobratan ari ziren inguru haietan. 2007an An Orianteko (Lorient) hiru epailek ebatzi zuten urpekoak arrantzaleen sarea harrapatu izana zela istripuaren azalpenik sinesgarriena.
Baina geroztik, Parisko agintariek hiru epaileei eskuetatik kendu zieten dossierra. Senideek salatu zuten fiskalak ez zuela ikertu nahi hipotesi nagusia. Aldizkari horiak hasi ziren pista faltsuak zabaltzen, hipotesirik sinesgarriena estaltzeko.
"Secret Défense"
Eskandalua salatu eta ikerketa bizirik atxikitzen ahalegindu dira marinelen hurbilekoak " The silent killer " (Hiltzaile isila) dokumentalarekin. Bost eskifaietako baten semeak Jacques Losey zinegilea berotu zuen horretarako.
Ziento erdi bat lekutan eskaini dute filma, milaka ikusleren aurrean. "Emanaldi orotan –dio Loseyk– ikusleak harrituta geratzen dira hainbeste pista gezurrezko nola jarraitu diren ohartuta. Atsekabetzen dira. Benetako galdera sakonak sortzen zaizkie, gure demokraziaren funtzionatzeko eraz, sistema judizialari buruz...".
Politikariekin ere ahalegindu dira. Bai Bretainiakoekin eta bai Pariskoekin. Senatuan erakutsi zuten filma 2013an. 2007a arte Defentsako ministro egon zen Michelle Alliot-Marie donibandarrarekin ez zuten ezer lortu. Haren ordez Jean-Yves Le Drian bretoia jarri zutenean espero zuten hau bere herrikideez errukitzea. "Ia okerrago izan zen honekin. (...) Argudio bera dute: beharrezko agiri guztiak hor dauzkazue. Beraz, hemen ez dago zer ikusirik, zoazte etxera...".
SOS Bugaled Breizh elkartekoek filma erakusten duten leku orotan bilera honela bukatzen dute: "Zuetako norbaitek baldin badaki edo entzun badu zerbait hondoratze honen inguruan, mesedez esan diezagula! Izan zibil edo militar, entzun diezaiola bere kontzientziari eta kontatu diezagula zer gertatu den. Jakiteko eskubidea daukagu".
Horietako bilkura batean gertatu zen zerbait harrigarria. Istripua arreta handiz jarraitu baitzuten Kornuallesko Newlyn herrian, " The silent killer " filma bertan erakustera konbidatu zituzten bretoiak. 2013ko martxoan Newlynen gertatutako eszena Youtuben dago ikusgai: sareetan kateaturik Bugaled Breizh hondora eraman zuela uste den HMS Turbulen t urpeko atomikoaren komandantea bilkuran zegoen, incognito .
Arrantzalez eta sorospen ekipoetako jendez betetako salan, atzeko aldean zegoen Andrew Cole komandantea. Norbaitek ezaguturik, harengana hurbildu zen Michel Douce, bapore galduaren armadorea, bost langileen ugazaba, aferaren egia jakiteko mobilizatua. Hilabete batzuk lehenago bere abokatuak eskatua zien Frantziako epaileei Cole komandantea galdekatzea, Britainia Handiko armadaren iturrietatik eskuratua zuelako informazioa istripuaren egunean HMS Turbulen t Cap Lizard inguruetan zebilela frogatzen zuena.
Andrew Colek Douceri esaten dio, kameraren aurrean, sentitzen duela bapore hura hondoratu izana baina berak ez zuela zerikusirik izan. Zer dela sentitu zuen publikoan bere burua azaltzeko beharra Cole komandanteak, bere gaineko militarrek esplikazio guztiak eman eta ateak itxiak dituztenean? Bere burua zuritzeko, bakarrik sentitzen dela adierazteko...
Inkogniten artean egia sinesgarri baten bila segituko dute SOS Bugaled Breizh ekoek. Gaur ez bada bihar marinel edo sorosleren batek dakien datu definitiboa kontatuko duela ziur daude. Ziur dauden bezala NATOko militarrek egia ezkutatzen dietela. Behin eta berriro aurkitu dituzte lekukoak militarrek emandako informazioak gezurtatu dituztenak.
Istorioak, ordea, badu euskaldunontzat ere ezustekoa. 2007an Kenperreko auzitegian dossierra istea eskatu zuen prokuradorea Anne Kayanakis zen. 2010ean Jon Anza desagertu zenean Baionatik Okzitaniako Tolosarako bidean, Kayanakis zen prokuradorea Baionan. Jon Anzaren senideei galdetu. | news |
argia-495ede4a3928 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/gazte-prekarietatea.html | Kolpe guztien azpitik eta krisi guztien gainetik | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2015-05-31 00:00:00 | Kolpe guztien azpitik eta krisi guztien gainetik
Ingelesa ikasi, ahal dela unibertsitatera joan, eta beharrezkoa bada, ondoren masterra egin. Hori izan da gazteoi ongizate pertsonal eta profesionala erdiesteko helarazi zaigun errezeta itxuraz akasgabea. Ikasketak amaitu bezain pronto ordea, errealitatearen gordinarekin egin dugu topo: lan aukera urriak, baldintza kaskarrak, emantzipatu edo bizi proiektu bat martxan jartzeko ezintasuna… Bildu ditugun datuei erreparatu besterik ez dago. Baina krisiak ongizate estatuaren ilusioa nola, gazteon frustrazioak bizitza eta lanbide eredu hegemonikoa ere zalantzan jarri ditu. Saihestu ezineko erronka da eskuartean duguna. Nola eraiki helburu eta bide berriak? Nola izan gure bizibidea sortzeko burujabe, beste inoren zain egon gabe? Nondik hasi?
Krisi ekonomikoa esaten dioguna lehertu zenetik, adin-tarte guztietako pertsonek jasan dute prekarietatea eta pobreziaren orokortzea. Baina, ohi bezala, zapalduenari eta gutxien duenari are gehiago eragin dio: etorkinari, adineko emakumeari… Eta baita, senideen babesetik landa, baliabide ekonomiko eta jabetzarik ia ez duen gazteriari ere. Jakina da prekarietatea ez dela soilik langabezia tasa, diru-sarrera eta datu makroekonomikoetan neurtzen; zerikusia du, ezegonkortasuna eta beldurrarekin ere. Baina datuak badira analisi orokor bat egiteko abiapuntu zehatzena.
Gaindegiak Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duten datuak emateko egiten duen ahaleginaz baliatuta eta Ernaik pasa den urtean kaleratutako "Gazteria, lana eta prekarietatea" txostena lagun, hori izan dugu asmoa: Euskal Herriko gazte belaunaldiaren argazki bat egitea. Gerturatu eta neurria jartzea zenbakien bidez irudikatzen zaila den gazteon prekarietate eta ezegonkortasun horri.
Soldatapeko lan falta edo langabezia-tasa ez da prekarietatearen adierazle behin-betikoa, besteak beste, ez baititu lana bai baina enplegua ez diren jarduera ekonomikoak aintzat hartzen. Soldatapeko lana lortu nahi eta ezin duten gazte kopuruaren berri ematen du hala ere. Lehenengo grafikoan ikus daitekeenez Euskal Herrian, azken datuaren arabera lan-gabezia tasa orokorraren (%16,4) oso gainetik dago gazteena: %43,3 15-24 urte artekoetan, eta %20 25 eta 34 urte bitartekoen artean. 2008tik 2013ra bederen, goranzko joera etengabea izan da.
Datuen iturria: Gaindegia
Are adierazkorragoa da enplegu-tasari dagokion bigarren grafikoa. Gazte guztien artean soldatapeko lanean ari diren gazteak zenbat diren erakusten du: 20-24 urte bitarteko gazteen artean, 3tik batek soilik du enpleguren bat. 25-34 artean aldiz, gehiengoak lan ordaindua du, %72k, hain zuzen. Nabarmena da Iparraldean enplegu-tasa askoz altuagoa dela: 20-24 adin-tartean, kasu, hegoaldekoaren bikoitza da.
Datuen iturria: Gaindegia
Datuok ulertzeko ezin ahaztu liteke enplegu eta langabezia-tasek ez diotela lan baldintzei erreparatzen: berdintzat jotzen dituztela 5 orduko aldi-baterako kontratua duen tabernaria eta soldata paregabea duen kontratu mugagabeko bankaria. Beste aukerarik izan ez dutelako, edo lan aukera hobeen bila kanpora joan direnak ere ez dira aintzat hartzen. Eta ez dira gutxi. Beste parametro batzuetan arreta jartzea ezinbestekoa da beraz:
Gaindegiak Euskal Herriko gazteen ihesa txostenean bildutako datuen arabera, 2008. eta 2012. urteen artean Hegoaldeko 90.000 bat gaztek egin dute alde. 2012koa da kopuru altuena: 22.399 gazte joan dira kanpora. Iparraldean ere gertatzen da halakorik, nahiz eta krisi ekonomikoaren aurretik datorren joera izan. Zuberoan esaterako, 1999tik hona, 21-30 urte bitarteko lau gaztetik batek alde egin du (%26,9).
Prekarietatea ezegonkortasunarekin ere lotzen denez gero, badira kontuan hartu beharreko beste bi datu: lan-kontratuen batez besteko iraupena eta diru sarrerak. Iparraldeko datuak eskuratzea ezinezko izan zaigu, eta Hego Euskal Herriko datuetan jarri dugu lupa. Bertan, enplegua duten gazteen heren batek soilik du gutxienez hiru urteko iraupena duen kontratua. Beste heren batek, urtebete eta hiru urte arteko luzerakoa du, eta beste heren batek, ez daki urtebeteko epean lan berean jarraitzerik izango ote duen. Diru-sarrerei dagokionez, gazteen %56ak 300 euro baino gutxiago irabazten du hilean, eta soilik %8ak gainditzen du 1.200 euroen langa.
Hainbat kasutan, emantzipatu eta etxebizitza baten alokairua ordaintzea ezinezkoa da enplegua dutenentzat ere... CJEren (Espainiako Gazteriaren Kontseilua) 2014ko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 16-29 urte bitarteko gazteen artean emantzipazio tasa %22,2koa zen. | news |
argia-a88f00c61675 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/thierry-biscary.html | "Ez dut soilik ederra izan nahi, jendea hunkitu nahi dut, eta gorroto banau, gorroto nau" | Reyes Ilintxeta | 2015-05-31 00:00:00 | "Ez dut soilik ederra izan nahi, jendea hunkitu nahi dut, eta gorroto banau, gorroto nau"
Folklorerik ez, nostalgiarik ez. Erroak lurrean sartuta bai, baina hortik gora askatasuna entzuleen erraietaraino iristeko.
Anhauzeko semea. Nolako familian sortua?
Ene aita laboraria da, behiak ditu. Ama idazkaria izan da orain arte. Aitak erretreta hartu du, baina behiekin segitu eta mozkinak zuzenean saltzen ditu. Belaunaldi horretakoek lana eta familia izan dituzte beti oinarri eta lana kenduta ez dakite zer egin. Hiru anai-arreben artean zaharrena naiz. Anaia gaztea duela bi urte itzuli da herrira bizitzera. Eraikuntza publikoak egiten dituen Tolosa Okzitaniako enpresa batean ari da lanean, energia berriztagarrien alorrean. Ipar Euskal Herrian eta Biarno eskualdean merkatua zabaltzeko proposamena egin zion enpresari eta herrian bizi eta lan egiten du. Oso apustu interesgarria da. Nik neuk ere laborari lana eta turismoa uztartzeko landetxe moduko bat egitea pentsatu nuen artista bilakatu baino lehen. Orain arte bizi izan naiz Euskal Herriko barnealdean eta beti sentitu dut tokiko ekimenak bultzatzeko beharra. Halakoetan zabiltzanean maiz nahi dizute politika etiketa bat ezarri, baina niri horrek bost axola. Herri txikietan abertzale izatea edo eskuindarra izatea baino garrantzitsuagoa da elkar ezagutzea eta elkarrekin gauzak egitea. Indar hori egin behar da, barnealdea husten ari delako. Egiten ez bada gazte guztiak joanen dira. Badugu behar gorri hori eta horretan sinesten dut.
Horregatik hasi zineten, esate baterako, Anhauzeko inauteriak antolatzen 2007an?
Donapaleun ikasi nuen joalduna egiten eta hori egin nahi nuen herrian, baina gure modura. Ohartu nintzen Europan beste joaldun pertsonaiak bazirela eta interesgarria iduritu zitzaidan Anhauzeko joaldun pertsonaia propio bat sortzea. Nafarroa Beherean eta Ipar Euskal Herriko herri gehienetan jaien antolakuntza gazteek bakarrik bultzatzen dute. Anhauzen herriko jaiak urteko animazio bakarra izaten ziren azken hamarkadetan. Inauteriak aspalditik ez ziren antolatzen eta herriko gazteei esplikatu nien inportantea zela beste animazio bat herrian egitea eta bereziki, beste belaunaldiei irekita egon behar zuela. Bertzalde ikusi nuen Antton Luku adiskidea oso lan ona egiten ari dela jendeari azaltzen zer diren gure antzerki eta musika ohiturak eta libertimenduak bultzatzen. Halako hausnarketa proposatu nien herriko gazteei eta horrela abiatu ziren inauteriak. Hiru lagun ginen hasieran eta taldea emeki-emeki handituz joan da. Orain hiru egun egiten ditugu. Gau batez ateratzen gara, biharamunean etxez etxe ibiltzen gara eta bildutakoarekin azken egunean paella handi bat eskaintzen diegu herritarrei. Anhauztarrentzat eginiko zerbait da eta bazen horren beharra. Gainera eraikin berriak egin zituzten herrian eta kanpoko jendea etorri zen bizitzera. Orain jendea hasi da gogoz parte hartzen inauterietan eta bestetan, eta etxe berrietako jende batzuk ere etortzen dira. Oso pozgarria da hori.
Donostian noiztik bizi zara?
Urritik. Urtarrilean Aretxabaletako neska batekin ezkondu naiz eta han bizi gara.
Aldaketa handia?
Bai, baina hirietan ere badira gauza asko egiten ahal direnak. Ni laborarien semea naiz, eta bertzerik ezin dut erran, baina badira jakintza batzuk berreskuratu beharko genituzkeenak. Horretarako, adibidez, produkzio talde txikietan bildu daiteke jendea, etxalde komunitario moduko batzuk egin eta gero han ekoizten dena banatu lan egin dutenen artean… Nekazaritza estentsiboaren logika nagusitu da, ordea. Beti handiago, beti gehiago da helburua. Aitaren etxaldean nik ikusten dudana da Europako diru-laguntzen behar handiegia dutela. Diru sarreren %65-70 Europatik etorritako dirua da. Horrek huts egiten badu, akabo. Horrekin batera, Europak ere erraten die zer landatu, zer erein behar duten toki bakoitzean. Ulertzen dut erosoa dela supermerkatura iristea eta denetik ukaitea, baina sistema hau noizbait eten egin behar da eta hori egiten ahal da. Ez naiz ameslari bat, hau ez baita urrun gure iraganean. Kalakanen ere logika horretan gaude, horregatik diskoa soilik saltzen dugu kontzertua bukatutakoan, jendeari zuzenean emateko eta haiekin solas egiteko.
Zer erran nahi diozue jendeari?
Gauzei balorea eman behar zaiela. Geuk geure musikari ez badiogu balorerik ematen nork emanen dio? Saltzaile arrunt batek? Jendeak jakin behar du haiek diskoarengatik ordaintzen dituzten 15 euroekin guk beste disko bat egin ahal izanen dugula edo apainketak aldatzen ahalko ditugula. Baina horrez gain, Kalakanekin adierazi nahi dugun beste mezua da musika egitea, kantatzea edo ongi pasatzea gure ardura dela eta gure esku dagoela. Jendeak gero eta gutxiago kantatzen du, errate baterako. Tabernetan orain ez du inork abesten, ezta hitz egiten ere kasik, musika altuegi jartzen dutelako. Iparraldean ere gertatzen zaigu, ez pentsa. Duela gutxi ikusi dut nik hori Garazi aldean. Baina horren aurrean galdetu behar dugu: nor da hemen bezeroa? Nor da kontsumitzailea? Badugu eskubidea tabernariari errateko ez dugula zaratarik egiten, kantatzen dugula eta hori ere on dela bere negozioarentzat. Ez gara ausartzen eta gauzak uzten dira espezialisten, profesionalen esku.
Kantuzale talde asko badira gaur egun, ordea…
Bai, eta gustatzen zait ikustea Baionan kantuz, Iruñean kantuz… eta halako ekimenak. Oso ederra da. Baina bitxia egiten zait jende guztia liburuxkarekin ikustea. Hori da Google edo Wikipediarekin egiten duguna: jakintza bat bilatzen dut, informazioa jaso eta lagunekin konpartitzen dut une jakin batez, baina nire memoriarekin ez dut lanik egiten. Ados naiz kantatzea gauza polita dela, baina lagunekin benetan konpartitu nahi baduzu behar duzu barneratu, zure gorputzetik pasarazi lehenbizi. Zeure buruan sartu. Aireaz gain edukia ere ikasi behar da. Onartzen dut batzuek horrela egin nahi ez izatea, baina gero ez negar egin inork ez badu gehiago kantatzen edo parte hartzen.
Euskararekin ere hori gertatzen da?
Eskuara dakiten batzuek ez dute erabiltzen ez dutelako aurkitzen haren baliorik. Nik lau hizkuntza dakizkit. Egiten dut kiskun-kaskun bat: batzuekin eskuaraz, besteekin frantsesez, ingelesez edo espainolez eta gehiago orain Donostian naizela. (Ez nuen uste hainbesteko lekurik izanen zuenik gaztelerak Donostian. Gu etortzen ginen besta egitera, euskal girora eta ez nintzen ohartzen). Ni eskolara frantsesez joan naiz. Jaio nintzen etxalde batean, nire aita-ama eskuindarrak dira eta uste zuten eskuara etxean ikasiko nuela. Orain, uste dut, ohartzen ari direla hori ez dela hain erraza. Beraiek ezagututako garaietan agian bai, baina gure garaian hautu zorrotza egiten ez bada transmisioa oso zaila da. 18 urterekin barnetegia egin nuen Arantzan. Behar nuen ikasi eta egin nuen indar hori. Horrek eguneroko bizitzan asko laguntzen dit. Nik nire bizitzarako nahi dut eskuara. Ez dizut zuri inposatuko. Zuk ez baduzu behar hori zure eskubidea da, baina nik nahi dut niretako. Zuk ere ez inposatu niri ezer. Gauzak galtzen dira eta nik erran nahi diot jendeari nahi duena egin dezala, baina kontzientea izan dadila gure hautuek ekartzen dituzten ondorioez. Hizkuntzarena hautu bat da, beste asko bezalakoa. Nik adibidez ez dut garirik jaten. Nire hautua da eta bizitza ez dut pasatzen jendeari esplikatzen zein kaltegarria izan daitekeen garia gorputzerako.
Kalakan taldeak oinarri du kantagintza tradizionala, baina gero berrikuntzak oso modu librean egiten dituzue.
Niretzako aski garrantzitsua da aske izatea. Hausnarketa batetik eta Labèque ahizpen aholkuetatik heldu da Kalakan. Taldea emeki-emeki osatu da. Europako sala klasiko ederrenetan hasi ginen Ravelen boleroa jotzen Labèque ahizpekin, gure txalaparta eta danborrekin. Hasieratik bertatik eskatu ziguten zerbait kantatzeko eta lehen egunetik arrakastatsua suertatu zen. Horren formala den musika klasikoaren mundura heldu ginen hiru baserritar gure betiko kanta eta gure txalapartarekin eta jendeak flipatu egiten zuen. Gure ilusioa transmititzen genien eta Labèque ahizpek, Katik bereziki, lehen momentutik esan ziguten hor altxorra genuela. Hori landu behar genuela eta gero gauza berriak sortu. Are gehiago erranen dizut: gu ari ginen Baionako kontserbatorioko perkusionista batekin, kaxa jotzen zuena, bera zen musika jakintsua, baina esan ziguten behar genuela musikari hori aldatu ez zelako eskualduna. Azkenean Jamixeli erran genion eta handik gutxira konturatu ginen berarekin dena errazagoa zela eskualduna delako, ez soilik euskaraz mintzatzen dela, baizik baita ere ezagutzen zuela zer erran nahi genuen eta nola. Orduan sortu zen gure lehen diskoa. Indar hori izan zen Madonnari ilusioa egin ziona. Madonnaren musikariek beren musika tresnekin indartu egin dute gurea, ahotsen harmonia bultzatuz edota bateriaz gure danborren soinua handituz. Gure indarra da gai izatea ahots hutsez eta danbor batzuekin jendea hunkitzeko. Gure nortasuna hori da eta horretan sinesten dugu.
Zuek etxean ikasi duzue abesten. Transmisioa Hegoaldean ahulagoa da?
Gure gizarte honetan kantua ikusgarri huts bilakatzen ari da. Ez da sinpleki bizitzen den zerbait. Preseski badut proiektu bat horren inguruan: "Erroak eta kimuak". Musikari eta zinegile portugaldar bat ezagutu dut, Tiago Pereira, Julio Pereira musikariaren semea. Bera hasi zen jende arrunta filmatzen kantuz ari edo musika jotzen ari, toki desberdinetan. 1.800 bideo ditu jada eginak. Nik flipatu nuen Portugalgo aniztasuna ikustean. Bideo horretan agertzen diren pertsonak ez dira kantari eta musikari onak, baina izugarri bizi dute barnetik eta zerbait heltzen zaizu. Horrek pentsarazi zidan non ote den gure oinarria: edonork edozein unetan abesten duen kantuan edo txistukatzen duen airean. Musika hortik heldu da, baina ez dugu hori baloratzen. Horregatik nahi dut hori ere egin hemen Euskal Herrian. Iduritzen zait Iparraldean transmisioa badela oraindik, baina pedagogia lana egin behar dela azalduz Antton Lukuk egiten duen bezala libertimenduak, Ziburuko maskaradak, pastoralak, bertsolaritza... zer diren, zertarako egiten diren. Garrantzitsua da belaunaldi berriei azaltzea eta zaila da. Borroka bat da.
Bi urtean behin Aldudarrak elkartekoek egiten dute kantaldi bat, musikari edo talde baten inguruan (Imanol Kantuz, Oskorri Kantuz…), eta era honetako bilkuretan esaten diet beti ez dugula ikuskizunean gelditu behar. Helburua da kantuz gozatzea. Hasten bazara musika tresnak sartzen kantatzeko modua mugatzen duzu. Eta gurea modu librean kantatzea da. Kantari tradizionalek hatsa hartzen dute nahi duten tokian eta hori ederra da. Mixel Ducau bere gitarrarekin Erramun Martikorenaren atzetik doa, eta hala behar du izan. Begiratu inguruan eta ikusi zer jende gutxi dagoen Jacques Brel bezala kantuak interpretatzen dituena; hori baloratu behar da. Musikariek lagundu egin behar diote kantariari, ez zer egin behar duen esan. Kantu tradizionala nortasun kontua da: zu zara zu eta ni naiz ni eta ez zaitut bortxatu behar ni izan zaitezen. Horrek aniztasuna ekartzen du eta horregatik pertsonaiak ikusten dira Pereiraren bideo horretan. Hor ez dago kopiarik, eta hemen aldiz, kopia asko ikusten dut nik.
Kantu bereziren bat zure bizitzan?
New Yorken bira prestatzen ginelarik, adibidez, beharra izan nuen "Agota" kantua ikasteko eta kantatzeko. Eta zentzu bat antzematen nion horri. Nire lehen aldia izan da kantu bat ikasi eta horrenbertze barnatzen nuena. Oso intimoa izan zen. Iduritzen zait hain barneratua dudan istorio hori nire bizitza osoan gogoan izanen dudala eta badakit kantu horrekin segur norbait hunkituko dudala.
Zer aurkituko dugu Elementuak zuen bigarren diskoan?
Xumetasuna. Ahots hutsak, perkusioak, albokak, arnas bat hasieratik bukaerara arte. Formatu eta eduki desberdineko hamalau kantu daude. Batzuk oso antzinekoak dira eta besteak berriak. Helburua jendeari mezu bat helaraztea da beti: ama lurrarekiko atxikimendua edo amaren eta bere semearen arteko harremana, errate baterako. Zuzenekoak ere halako emozio desberdinak eskaintzen ditu. Behar ditugu gure sustraiak zaindu eta, era berean, behar dugu modernitatea, kanpora begiratu, harremanetan sartu eta kanpotik inspiratu. | news |
argia-55be216c934f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/m24-egun-bat-gehi-lau-urte-eta-marra-gorriak.html | M24: egun bat gehi lau urte eta marra gorriak | Garbi�e Biurrun | 2015-05-31 00:00:00 | M24: egun bat gehi lau urte eta marra gorriak
Gogoan al duzue espetxealdiak X urte gehi egun bat izaten zirenean? Egun horrek markatzen zuen hurrengo espetxe zigor mota larriagoarekin zegoen aldea, baina ez zeukan beste garrantzirik. Orain, aldiz, pasa den maiatzaren 24ko hauteskundeetan –besteetan bezala, noski– egun bat izan da erdigunea, nahiz eta egun horri lau urte gehitu behar zaizkion. Beraz, egun ditxosozko hori atzean utzi eta gero, aurrera egin behar da hurrengo lau urteetan. Hau da: egun batean hurrengo lau urteak erabaki ditugu gure udaletan eta foru aldundietan.
Horretaz aritu dira, bai, indar politikoak: boto kopuru handiena ateratzen saiatzen M24an, etorkizunean zer egingo zuten azalduz –edo isilduz, estilo desberdinak daude eta–. Baina oso bitxia egin zait hainbat alderdik –estatu mailakoek– proposatzea edo eskaintzea, ez udaletan, ez foru aldundietan, ezta autonomia erkidegoetan ere, erabaki ezin daitekeena. Zergatik ez dituzte mugatu euren diskurtsoak hauteskundeen eremuetara? Ez al zuten proposamen berezirik esparru horietarako?
Bestalde, hauteskunde hauetan argi egon da –horrela diote emaitzek; portzierto, zertarako horrenbeste inkesta?– inork ez duela gehiengo nahikorik lortu bakarrik gobernatu ahal izateko, hiri handietan eta foru aldundietan, behintzat. Argi dago baita ere, susmo hau kanpainan zehar ibili dela eta asko baldintzatu duela alderdiek esan –edo isildu– dutena.
Panorama horretan, ezinbestekoa izango da itunak eta akordioak lortzea gure erakundeetan, gehiengo sendoak osatzeko edo, behintzat, gobernu ahulegiak ez eratzeko. Eta hor dago gakoa, inork ez baititu bere asmoak garbiki azaldu nahi izan kanpainan, ezta une honetan ere.
Batzuek "marra gorriak" jarri dituzte, honekin edo harekin ez adosteko: PSOEk baditu bere marra gorriak –PSOE aipatu dut, Sanchez berak esan zuelako–: EH Bildu eta PP. PPk ere bere marra gorriak ba omen ditu edo, hobeto esanda, beste alderdi gehienen marra gorrietan sartuta dago. Gipuzkoan ez dakigu Podemosek zer egingo duen eta Nafarroan ez dakigu zein izango diren behin betiko marra gaindiezin horiek eta zer egingo duten Podemosek eta PSNk –barka ezazue, PSOEk–, benetan aldaketa sakonaren alde baldin badaude, orain horretarako, berriro ere, aukera dagoelarik. Ez EH Bilduk ezta EAJk ere ez dute adierazi zer egingo duten Donostian edo Gipuzkoako Foru Aldundian– irabazi duenari gobernatzen utzi ala itunak lortu beste gehiengo bat lortzeko–.
Isileko horrek kezkatzen nau. Alde batetik herritarrok aldez aurretik jakin beharko genukeelako gure botoak zertarako balioko duen. Badakit hori aurreratzen ez dela beti erraza, aldagai askoren baitan dagoelako: emaitzak, egitasmoak... Baina, adibidez, jakitea ea irabazi duen indarrari utziko zaion gobernatzen ala ez, edota lehen indar hori nor denaren arabera izango den. Bestalde, beldur naiz, hemendik udazkeneko estatuko hauteskunde orokorrak bitartean alderdi batzuek ez ote duten beren posizioa higatu edo ahuldu nahiko, eta horretarako, beharbada, ez dute mugimendu bakar bat ere egingo edota deus ere arriskatuko. Pentsa ezazue, bestela, Nafarroan edo Gipuzkoan: zer egin behar dute emaitza hauen ondoren estatu mailan udazkenean benetan lehiatu nahi dutenek? Zer egingo du, esaterako, Podemosek? Benetan sustatuko du bere ustetan aurrerakoia den gobernua, kastakoa ez den gobernua, ala taktika hutsez arituko da, burua ezkutatuz, abstenituz, negoziatu gabe? Eta erabaki horiek ezingo dute hauteskunde orokorren zain egon, noski. Ikusteko dago, beraz: herriak hitz egin du. Orain ordezkari arduratsuen garaia da –besteen beharrik ez dago eta hemen–. | news |
argia-63fcd40cd675 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/koloreak.html | Koloreak | Joanes Etxebarria | 2015-05-31 00:00:00 | Koloreak
Berria ez zaizue @euskalmet-en txio bat bezain laster helduko, baina euria ari du Maulen. Gure etxeko terraza bustia da, eta txoriak basamortuan balira bezala ari dira janaria bilatzen teilatu grisetan. Halere koloreak baditugu terrazan liliak ezarri genituenetik. Ez nuen pentsatu egun grisak alegeratzeko balioko zutenik, baina hala da. Gainera, koloreak ederragoak dira iluntasunean.
Goizeko zigarreta finitu eta kafe beroarekin ordenagailu aitzinean jarri naiz, egun oroz bezala. Firefox ireki eta lotura begibistakoa egin zait; koloreak agertu zaizkit iluntasunaren erdian, oraingoan Gasteizen. Liliak zeru grisean nola, ile-faltsuen koloreek eta tixerta laranjek kontrastatzen dute ertzainen beltzarekin.
Gasteizko irudiek ez badute ere baratzegintzarekin konparazio posiblerik, landareek, arduraz eta maitasunez zainduak direlarik, grisari gaina hartzen diote beti. Hosto bat kentzen bazaie hemen beste bat aterako da han. Hiru hosto kendu, eta gehiago aterako dira. Egunak grisetik goibelera tiratzen duenean, zein onak diren koloreak... eta kantua jin zait gogora "taupada bakoitzaz, koloreztatu zuri-beltza". | news |
argia-bbfa88aed8cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/aztekek-ere-lurrun-bainuak-hartzen-zituzten.html | Aztekek ere lurrun-bainuak hartzen zituzten | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-05-31 00:00:00 | Aztekek ere lurrun-bainuak hartzen zituzten
Temazcal hitzak lurrun-etxe edo lurrun-tenplu esan nahi du nahuatl hizkuntzan. Aztekek fisikoki nahiz espiritualki garbitzeko erabiltzen zituzten sauna edo terma moduko horiek etxeen albo bati atxikita egon ohi ziren. Etxola txikiak ziren –nobleenak, handiagoak– eta harri goriei ura botata lortzen zuten berotasuna eta lurruna. Nahikoa izerdi bota ondoren, aztekek ur hotzarekin amaitzen zuten erritua, poroak erabat garbitzeko. Gainera, nolabaiteko etekin ekonomikoa lortzen zuten jarduera hartatik, kotxinilla-tindua temazcaletan egiten zutelako, eta errautsak ongarritarako erabiltzen zituztelako.
Konkistaren ondoren, zenbait apaiz espainiar jardun hura debekatzen saiatu ziren, temazcaletan emakumezkoak eta gizonezkoak batera sartzen zirelako. Baina lurrunezko bainuen onurak ikusita, kolonizatzaileek temazcalak baimentzea erabaki zuten, eta zenbaitetan legeak ere egin zituzten ospitaletan eta bestelako eraikin publikoetan lurrun-etxeak eraikitzeko.
Baina aztekak ez ziren Amerikako saunazale bakarrak. Maiek zumpul-ché ak zituzten, mixtekek ñihi -ak, eta iparraldeko lakotek inipi ak. | news |
argia-818054a44016 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/uretan-hondoratzen-ez-den-metala-asmatu-dute.html | Uretan hondoratzen ez den metala asmatu dute | Joxerra Aizpurua | 2015-05-31 00:00:00 | Uretan hondoratzen ez den metala asmatu dute
New Yorkeko eskola politeknikoko eta Deep Springs enpresako ikerlariek oinarri metalikoa duen konposatua sortu dute. Material berriak magnesiozko oinarria du, eta hartan txertaturik ditu siliziozko esfera hutsak.
Material horren dentsitatea 0,92 g/zm3koa da, urarena baino txikiagoa, eta beraz ez da elementu horretan hondoratzen. Gainera, siliziozko esferei esker, suhiltzaileen ur-mangeretatik atera ohi den urarena baino 100 aldiz presio handiagoa jasan dezake puskatu aurretik.
Material berriak erabilpen ugari izan ditzake ontzigintzan, automobilgintzan eta industria militarrean, ibilgailuen blindatze sistema arintzeko. Izan ere, AEBetako armada proiektuaren finantzazioan parte hartzen ari da. | news |
argia-3f4cb908cd28 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/lurdes-imaz-ehige.html | "Gurasoek eskolako erabakietan esku-hartze handiagoa dutenean, ikasleek emaitza hobeak dituzte" | Mikel Garcia Idiakez | 2015-05-31 00:00:00 | "Gurasoek eskolako erabakietan esku-hartze handiagoa dutenean, ikasleek emaitza hobeak dituzte"
Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute Elgoibarren, ekainaren 7an. Hezkuntzak bizi dituen garai arantzatsu hauetan gurasoek duten rola, parte-hartzea eta erantzukizuna izan ditugu hizpide Lurdes Imaz Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko bozeramailearekin (EHIGE).
LOMCE eta Heziberri tarteko, protagonismoa hartu duzue gurasoek. Eusko Jaurlaritzak erabaki du EAEko 30 ikastetxetan egitea 3. mailako azterketa diagnostikoa (8-9 urteko haurrei) eta planto egitera deitu dituzue gurasoak.
Bai, aurtengoak proba pilotuak dira, ezkutuan eginak, eta hurrengo ikasturtetik aurrera eskola denetan martxan jartzea da asmoa. Hasieratik LOMCEren aurka agertu gara eta bi urte daramatzagu ikastetxeetan hitzaldiak ematen, lehen LOMCEri buruz, orain Heziberriri buruz. Gurasoek beti galdetu digute: "Eta guk zer egin dezakegu?". Lasai egoteko, proposamenak egingo dizkiegula erantzuten diegu, eta orain neurri zehatz hau planteatu diegu: azterketa ez egitea, LOMCEren aplikazio garbia delako eta orain arteko ebaluazio sistema hankaz gora jartzen duelako (azterketak ez du inongo justifikaziorik, eta hezkuntzan egiten diren aldaketek arrazoituriko justifikazioa behar dute). Akademikoki ez du eraginik seme-alabentzat, eta beraz uste dugu gurasoei hori eskatu diezaiekegula eta LOMCEren eta Heziberriren kontra daudela agertzeko modua dela, orain arteko bileretan zerbait egiteko grina ikusi baitugu gurasoengan. Lasaitzen saiatzea izan da gure egitekoa, seme-alabentzat inongo ondoriorik ez duela izango argitzea. Gurasoak gara hau egin behar dugunak, irakasleek edo zuzendaritzek planto eginez gero ondorioak izan ditzaketelako, baina ikastetxeen eta eskola kontseiluen babesa ere eskatu dugu.
Aurrera begira bestelako ekintza zehatzik pentsatu duzue?
Datorren ikasturtean Heziberri martxan jarriko da eta gauza berriak joango gara planteatzen. Adibidez, argi dugu eskola orduetan ez dela erlijiorik eman behar, ezta Erlijioa ikasgaia ahalbidetzen duen Baloreak ikasgai alternatiboa ere, eta ildo horretan proposamena egingo dugu aurrerago.
Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko Heziberri planarekin ez zaudete gustura. Kritikatu duzue ikasleen banaketa ekitatiboa ez duela ziurtatzen.
Heziberrik ez du ezer esaten ikasleak hartzeko unean sare ezberdinek izan behar duten arduraz, eta mota anitzeko ikasleak baldin baditugu, sareek ardura partekatua izan behar dute. Datuek argi diote premia berezia duten ikasleak, beka jaso dutenak (maila sozioekonomiko baxuagoa duten familietakoak) eta etorkinen seme-alabak sare publikoan daudela batez ere, ondoren kristau eskolan eta kopuru txikiena ikastolek dute. Banaketa orekatuagoa eskatzen dugu, eta hau ez da hezkuntza mailako eztabaida, gizarte osoarena baizik: eskolaka eta herrika diagnostikoa egin eta herrietan gaia mahai gainean jarri beharko litzateke (ikastetxeen eta udalaren parte-hartzearekin), ikasle guztiak hartzeko ardura behar bezala partekatu dadin. Ghettoak amaitu behar dira, eta aldi berean, behar bereziak dituzten haurrak hartzen dituzten eskolek baliabide gehiago izan behar dituzte, erantzun egokia eman ahal izateko.
Hizkuntza ereduak mantenduko ditu Heziberrik (A, B, D). Hori ere ez duzue ongi ikusi.
Beti esan dugu hizkuntza ereduak gainditu egin behar direla, A ereduak ghettoak direlako, normalean maila sozioekonomiko baxuko familien seme-alabenak, eta linguistikoki traba berri bat jartzen diegu. Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua finkatu behar du, ikastetxeak dakielako ongien nolako ikasleak eta beharrak dituen, eta horren arabera berak erabaki behar du plana, bermatu dadin derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasle guztiak elebidun izango direla. Adibidez, elebitasunak arazoak dituen lekuetan ezin da hirugarren hizkuntza bat planteatu, lehenik eta behin bermatu beharko delako ikasle guztiek euskara maila ona izatea. Eta helburu horretara iristeko ikastetxeari behar dituen baliabideak eman behar zaizkio.
Euskal Eskolaren Lege berria egitea izango da Heziberriren hurrengo urratsa. Sare publikoaz gain, sare kontzertatua ere legean integratzea da xedea.
1993ko Eskola Publikoaren Legea daukagu eta hezkuntza sistema guztiarentzako legea planteatu du orain Hezkuntza Sailak. Sare kontzertatuak asmoa agertu du publikotasunaren kontzeptua berrikusteko, zerbitzu publikoa ematen dutela argudio. Baina gauza bat da zerbitzu publikoa ematea eta beste bat publiko izatea; taxiak zerbitzu publikoa ematen du, baina ez da publikoa… Beste arlo batzuetan argi ikusten dugu, inori ez zaio bururatzen IMQ aseguru mediku pribatuaren txartela eskatzea osasun publikoko eskubide gisa, baina hezkuntzan ez dakit zergatik jarri behar den zalantzan zer den publikoa eta zer ez. Guk oso argi daukagu: sare publikoa da ikasle guztiak hartzen dituena eta laikoa dena. Sare kontzertatuek ezin dute orain arte bezala jarraitu, nahi dutena egiteko autonomia guztiarekin eta beharra duten ikasleak hartzeko inongo ardurarik gabe, eta aldi berean finantzazio handiagoa eskatu, batez ere kontuan hartuta sare publikoan une hauetan ditugun beharrak. Edo denok partida bera jokatzen dugu, joko arauak berdintzen ditugu, edo ez dago jokorik. Gogoratu Euskal Herrian sare publiko txikiena duena dela EAE (ikastetxeen %50), zer esanik ez Europako herrialdeekin konparatuta.
Gurasoen ordezkaritzak nahikoa pisu al du ikastetxeetan?
Bi modutara hartzen dute parte gurasoek. Batetik eskola kontseiluaren bidez, eta bestetik guraso elkarteen eta eurek (edo ikastetxeak) bultzaturiko proiektu zehatzen bidez. Eskola kontseiluan dugun ordezkaritza ona da, erdia gurasoak gara Lehen Hezkuntzan, eta Bigarren Hezkuntzan ikasleen parte-hartzea sartzen da eta gurasoena jaitsi, baina logikoa da eta ongi iruditzen zaigu. Arazoa da sarri oso zurruna dela araudia, Hezkuntza Sailetik planteamendu oso itxiak datozela eta aukera gutxi dagoela bestelako proposamenak egiteko. Sailak malguagoa izan beharko lukeela uste dugu, benetako parte-hartzea egon dadin eta ikastetxeak berak nahi dituen proiektuak aurrera atera ditzan. Hezkuntza Sailari beldurra galdu behar diogu, eskolak autonomia izan behar du erabakitzeko zer egin nahi duen, eta ildo horretan, ikastetxeen autonomia garatzeko benetako markoa behar du eskola publikoak. Parte-hartzean maila ugari daude, informazioa jasotzetik hasi eta erabakitzeko ahalmena izateraino, eta argi ikusi dugu gurasoek zenbat eta parte-hartze maila altuagoa izan, orduan eta hobeagoak direla ikasleek lortzen dituzten emaitzak. Horregatik, erabaki inportanteetan gurasoek benetan parte hartzea sustatu behar da; Finlandian adibidez, gurasoek aukera daukate curriculumean esku hartzeko.
Eskola kontseiluetan aritzeaz gain, guraso elkarteetan ere lan oparoa egiten duzue.
Guraso elkartea da eskola eta inguruaren artean zubi-lana egiten duena. Ikasle berriak datozenean adibidez, familiari harrera egiteaz arduratzen da, zuzendaritzarekin batera. Guraso eskolak ere antolatzen ditugu, sare sozialez, hezkuntza emozionalaz… Guraso elkarteek lan pila bat egiten dute, baina ez da ezagutzera ematen, eta inportantea da hori guztia zabaldu eta elkarbanatzea, horregatik jardunaldiak antolatu izan ditugu, praktika onen sariak ere eman ditugu eta liburuxketan bildu dira gurasoek beraiek ikastetxeetan bultzaturiko proiektuak. Ikastetxeak dituen beharren arabera zientzia, elkarbizitza, kulturaniztasuna, euskara… jorratzeko sekulako lana egiten dute, eta hori gainerakoekin elkarbanatzea garrantzitsua da.
Azpiegitura falta salatu izan duzue.
Bost-sei urteko atzerapena dugu obretan eta behar handiak daude ikastetxeetan, eraikinak egin edo daudenak berritzeko. Diagnostikoa egiten ari gara eta denetarik dugu: barrakoietan dauden ikasleak, estaltzea behar duten jolastoki asko, leihoak-eta konpontzea behar dutenak…
Testu-liburuak neurri batean gurasoek ordaindu behar izatea ere kritikatu duzue.
Testu-liburuak kudeatzeko programa solidarioa du martxan Jaurlaritzak: ikastetxeak liburuak erosten ditu, lau urterako erabilgarri; Hezkuntza Sailak kostuaren %75 ordaintzen du eta familiak %25. Gure ustez liburuek debalde izan beharko lukete, material curriculurra delako, baina ongi ikusten dugu liburuak ez izatea ikaslearenak, baizik eskolarenak, eta proiektu solidarioaren bidez ikasleek liburuak zaintzea, gero beste batek erabiliko dituelako. Kontua da aspalditik aldarrikatzen dugula material digitalerako pausoa ematea eta eskola publikorako digitalizazio plan bat eskatu diogu Sailari, elkarlanean egingo genukeena: nola gauzatu trantsizioa liburuetatik material digitalera, zeintzuk diren euskarri digital egokienak, nola finantzatuko diren… Digitalizazioa gakoa da, atzean ez geratzeko.
Aurten Elgoibarren izango da eskola publikoaren jaia. "Bertako ikastetxea bada eskola publikoaren isla: ikasleak euskalduntzeko lan handia egiten du, eskola anitza da, oso parte-hartzailea eta berritzailea (proiektuka egiten dute lan)". | news |
argia-d14f17a555d3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/mundua-mugiarazten-dutenen-greba.html | Mundua mugiarazten dutenen greba | Irati Salsamendi Lozano | 2015-05-31 00:00:00 | Mundua mugiarazten dutenen greba
Maiatzaren 19an egin zuten Vaga de totes (Guztion greba) Herrialde Katalanetako hainbat hiri, herri eta auzoetan. Guztion grebak greba orokor eredu klasikoa zalantzan jartzea eta lanaren kritika feminista egitea du helburu, historikoki emakumeek egin dituzten eta egungo sistemaren eta bizitzaren sostengua diren lan erreproduktiboak ikusaraziz.
"Imajinatzen duzu guztion greba bat?" eta "nola egingo zenuke greba?" galderak airera botata hasi zuen bere ibilbidea Vaga de totes ekimenak. 2014 urte hasieran egin zuten lehen asanblada irekia Bartzelonako Katalunia plazan, eta ordutik hona ibilbide politiko, laboral eta pertsonal anitzeko ehunka emakume batu ditu Herrialde Katalanetako hiri, herri eta auzo askotan. Ekonomia feministatik lanaren adiera klasikoari kritika egin eta ohiko greba orokorra zalantzan jartzea zen abiapuntua, baina helburu eta planteamenduak aldatzen eta osatzen joan dira mugimendua eratzen joan ahala.
Pasa den maiatzaren 19an izan zen Vaga de totes edo Guztion greba eguna eta ekintzez josi zituzten herri, hiri eta auzoak makina bat emakumek. Greba egun zehatza finkatu arren, prozesuaren garrantzia azpimarratzen dute partaideek, hausnarketarako, egungo ordena zalantzan jartzeko eta etengabeko eraldaketa sustatzeko ekimena bihurtu baita. Hilabete hauetan aliantza, borroka esparru eta aldarrikapen forma berri ugari sortu direla diote.
Lan erreproduktiborik gabe, bizitzarik ez
Beste mugimendu askoren gisan, behar batetik abiatu zen hau ere. Emakumeen eskubideen, duintasunaren eta askatasunaren aurka doazen gaur egungo neurri eta erabaki sozial, politiko eta ekonomikoen aurrean, greba borrokarako tresna gisa berreskuratzeko ideia zabaldu zen Bartzelonako hainbat esparru feministatan. Irene Esteban Molina, Valentziako Vaga de totes -eko kideak dioen moduan, ekimen honek "greba orokorraren eredu klasikoa zalantzan jarri nahi du, greba bera produkzioa gelditze hutsetik harago planteatuz eta orain arte ikusezin izan diren aspektu asko barnebilduz". Mugimendu honek orain arteko greba eredua kritikatzen du, izan ere, soldatapeko langilea izan baita beti subjektu politiko bakar edo nagusia, bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren eta historikoki emakumeek egin dituzten lanak alde batera utziz. Alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu herritarrek, ekonomia formala erdigunean jarriz, emakume askoren errealitatea ahaztu egin dutela salatzen du.
Bartzelonako Gràcia auzoko komiteko partaide den Cristina Arnal Saenzek dio beharrezkoa dela lanaren kritika feminista bat, egun, diruarekin ordainduak diren, esparru publikoan garatzen diren eta pilaketa kapitalistarekin lotura duten ekintzak bakarrik kontsideratzen direlako lana. Bere ustez, lan produktiboa eta lan erreproduktiboa bi esfera bereiz eta dikotomiko gisa planteatzeari utzi behar diogu, eta ulertu behar dugu bizitza sostengatzen duen lan erreproduktiborik gabe, lan produktiboa ezinezkoa dela. Historikoki emakumeek egin dituzten zaintza lanak ikusarazi eta baloratzeaz gain, emakumeak, langabetuak, autonomoak, sexu-langileak, etorkinak, jubilatuak, etxeko langileak, eta orain arte ahotsik izan ez duen oro protagonista eta subjektu aktibo izango den greba baten garrantzia azpimarratu du.
Mugimendu anitz, deszentralizatu eta horizontala
Lehen asanblada irekiak Bartzelonan egin ziren, baina deszentralizazio prozesu bat bizi izan du mugimenduak. Greba batzorde orokorraren asanblada irekiak hamabost egunetik behin egiten ziren Bartzelonan, baina denborarekin komite eta talde ugari joan dira sortzen Herrialde Katalanetako gune ezberdinetan. Vaga de Totes -en aldarrietako bat borroka formak eta planteamendu politikoak errealitate bakoitzera moldatzea da eta hasieratik planteatu da ekimen ireki eta malgu gisa. Horregatik, talde bakoitzak bere inguruan identifikatutako beharretatik abiarazi du lana. Greba batzordeak sortu dira, besteak beste, Valentzian, Bartzelonako hainbat auzotan, Mallorcan, Castellon, Pallarsen, Sant Cugaten, Bages-Moianesen eta Gironan.
Arnal Saenz deszentralizazio prozesuari buruz mintzo da, horizontaltasunaren eta borroka forma anitzen garrantzia azpimarratuz: "patroi androzentrikoak jarraitzen dituen greba orokor ereduan pertsona askok ez dute beren borrokatzeko modua topatzen, eta gure helburuetako bat da emakume bakoitzari, bere egoera eta posiziotik, borrokarekin bat egiteko aukera emango dion mobilizazio bat sortzea. Horregatik, zentzugabea iruditzen zitzaigun greba batzorde nagusi bakarra egotea; horren ordez, elkarren artean aliatutako nodo ugariko antolaketa eredua garatu genuen". Egun, herri eta auzoetako batzordeez gain astero biltzen den koordinazio talde bat dago; horrez gain, komunikazioko taldea, edukien hedapena egiteaz arduratzen dena eta ekintzak antolatzen dituen taldea ere badaude.
Egun soil bat baino askoz gehiago
Hilabete hauetan zehar ekintza anitz egin dituzte auzo, herri eta hirietan, baina esan daiteke hiru datek markatu dutela prozesua: 2014ko urriaren 22ak, 2015eko martxoaren 6, 7, eta 8 egunek eta azkenik, maiatzaren 19ak. Hasiera batean, Guztion greba eguna azaroaren 22rako finkatu zen, baina indar gutxi zegoela ikusirik, eta babes sindikal eta legalik lortu ez zenez, borroka eguna bilakatu zen. Egun hartan denetariko ekintzak egin ziren, goizean goizetik Bartzelonarako sarbide nagusiak diren errepideak moztu zituzten, Vilanova i la Geltrúko merkatu aurrean kontzentrazioa egin eta herriko bizilagunei Vaga de Totes -en berri ematen aritu ziren, Bartzelonako Poblenou auzoan amantalez bete ziren etxeetako balkoiak, eta abar. Horrez gain, institutu eta unibertsitateetako milaka ikaslek ikasgelak hustu eta LOMCEren aurkako manifestazioa egin zuten; era berean, garraio publikoaren aldeko plataformak deialdi masiboa egin zuen metro zerbitzua ez ordaintzeko, kalean borroka ezberdinak elkartuz. Iluntzean, manifestazio jendetsu eta iraultzailea egin zuten, jatorri, egoera eta ibilbide ezberdinetako milaka emakume bilduz. Manifestazioan zehar hainbat ekintza eta okupazio egin zituzten, sistema patriarkal eta kapitalista iraunarazten duten arduradunak seinalatuz, hala nola, elizak, hotelak, bankuak, estetika eta arropa dendak.
Martxoak 8, emakumeen nazioarteko eguna izanik, 6, 7 eta 8rako kalera ateratzeko deialdi ugari egin ziren herri-batzordeetatik maiatzeko grebarako lanketa gisa. Esaterako, Bartzelonako Poble Sec-Raval batzordeak kalejira aldarrikatzaile eta desobedientea eta ekintza zuzen bat egin zuen Bartzelonako Filmotekaren aurrean; Gràcia auzoan historian zehar auzoan garrantzia izan duten emakumeei buruzko ibilbide bat eta herri-bazkaria antolatu zuten; Vallèseko komiteak Trivial feminista prestatu zuen Sabadelleko plazan eta Se va armar la Gorda -k Vaga de totes -ekin loturiko La nit es nostra (gaua gurea da) emakume, lesbiana eta transentzat gau manifestazioa egin zuen.
Guztion greba baten planteamenduak, oso ideia abstraktua izanik, zailtasun ugari sortu ditu hasieratik. Lehen aipatutako aniztasuna positibotzat hartu dute antolatzaileek beti, baina Irene Esteban Molinak dioenez, "denborak eta agenda politikoak asko mugatu du prozesuaren garapena, eta asko kostatu zaigu emakume batzuengana iristea, borroka esparruetatik kanpo egon direlako beti"; horrez gain, Guztion greba-ren aldarrikapenak hain barneratuta dauden borroka patroi klasikoekin uztartzea kosta egin dela ere aipatzen du: "Hori dela eta, talde eta emakume bakoitzak, bere aukera eta beharretatik eratu ditu aldarrikapenak eta ekintzak. Esan daiteke egunerokotasunetik eta gure ahalmen sortzailetik abiatutako borrokarako formula berriak garatu ditugula, patroi klasikoak apurtuz", azpimarratzen du Esteban Molinak.
Aipatutakoaz gain, babes sindikal eta legala duen greba baten deialdia egiteko zailtasun asko egon dira, ez baita lortu Guztion greba-rekin legalki bat egingo duen sindikaturik: "Horrek ez gaitu asko harritzen, izan ere, patroi klasikoak apurtzen saiatzean sortzen diren erresistentzien isla izan daiteke gertaera hori", dio Arnal Saenzek. Arrazoi horregatik eta Vaga de totes -ek planteatzen duen subjektu politikoaren aldarrikapen guztiak ez dituelako greba orokor batek biltzen, maiatzaren 19rako kontsumo grebarako deialdia egin zen. Horrez gain, greba eguna baino egun batzuk lehenago mota guztietako ekintzek josi zituzten herri, hiri eta auzoak, eta eguna amaitzeko manifestazio sortzaile, iraultzaile eta masiboa egin zen Bartzelonan.
Egun indartsua maiatzaren 19rako finkatuta egon arren, sistema kapitalista eta patriarkala zalantzan jarri eta lan merkatuaren kritika egiten jarraituko duen ekimen eta prozesu gisa planteatzen da Vaga de Totes . Esteban Molinaren esanetan: "Oso positiboki baloratzen dugu 19a, baina hemen ez da ezer bukatu, orain asanbladetan biltzen jarraitu behar dugu bakoitzak zein bide hartu nahi duen erabakitzeko. Lan asko gelditzen zaigu Guztion greba-ren logika izango duen benetako Vaga de totes bat lortu arte". | news |
argia-cd7611b35750 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/pasio-koktela.html | Pasio koktela | Montserrat Auzmendi del Solar | 2015-05-31 00:00:00 | Pasio koktela
Cavalleria rusticana (Pietro Mascagni) eta Pagliacci (Leoncavallo). Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Alessandro Vitiello. Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Kantika Korala. Zuzendaria: Basilio Astúlez. Bakarlariak: Caniela Barcellona (mezzoa), Gregory Kunde (tenorea), Inva Mula (sopranoa), Luca Grassi (baritonoa). Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: maiatzaren 1a.
A zer saio pasionala eskaini zigun OLBEk denboraldi honetako azken aurreko ekitaldian! Bi opera atsegin, publikoaren gustukoak, giza sentimendu unibertsalak azaltzen dituztenak gehigarri handirik gabe; apustu segurua zirudien, eta arrakastatsua suertatu zen esperimentua. Eta esperimentua deitzen diot, bi obrak, nahiz eta garai eta leku desberdinetan kokatuak izan, uztarturik aurkeztu zirelako, egokitzapen eszenikoari esker. Cavalleria rusticana ren akzioa Siziliako herri batean gertatzen da, eta Pagliacci ren istorioa, aldiz, Calabrian. Aldi honetan, bi opera kokatzen ziren Italiako hegoaldeko herri indefinitu batean, XX. mendeko berrogeiko hamarkadan (neo-errealismo italiarraren estetika begi bistan zegoen).
Bi istorioetan jelosia eta heriotza protagonistak dira, eta interpreteekin egindako joko baten bidez, Pagliacci Cavalleria rusticana ren jarraipena dela dirudi, edo, jarraipena baino gehiago, lehenengoaren ondorio morala erakusten du bigarrenak. Hau da: Gregory Kunde tenore handiak Cavalleria n senar desleialaren rola egiten du, eta hurrengo operan, ordea, Kundek sufritzen du emaztearen infideltasuna, Canio-ren pertsonaia eginez. Bi operetan mantentzen zen dekoratua, jarraipenaren ilusioa handiagotuz. Horrez gain, Pietro Mascagni eta Ruggero Leoncavallo-ren partitura potenteak primeran uztartzen dira, emaitza orokorra biribiltzeko.
Pisuzko interpreteak izan genituen saio honetan. Cavalleria rekin hasiko gara: Daniela Barcellona mezzosopranoak, kualitate bokalak erakusteaz gain, injenuitate eta babesgabetasun punttuak eman zizkion bere pertsonaiari, Santuzza gaixo ahaztezina eginez; eta lehen aipatutako Gregory Kunde tenorea eraginkortasunez aritu zen Turiddu-ren rolean, baina benetan distiratsu agertu zen Pagliacci ren Canio pertsonaian, askoz interpretazio sentituagoa egin baitzuen. Opera honekin jarraituz, azpimarratu beharko genuke Inva Mula sopranoaren interpretazioa, Nedda zoragarria egin baitzuen, pertsonaia honen alderdi kontrajarriak ondo irudikatuz: lotsagabea baina aldi berean gupidagarria, askatasunez bizi nahi izateagatik heriotza aurkitu zuelako.
Bilboko Operaren Abesbatzak lan dezente izan zuen taldeko eszenak garrantzitsuak diren Cavalleria rusticana n. Oso ondo aritu ziren Boris Dujin-en zuzendaritzapean. Kantika Korala umeen abesbatza ere fin ibili ziren, Basilio Astúlezen batutapean. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, berriz, emozio gehiegirik gabe, pobre samar. Eta, musikatik aparte, lehen aipatu bezala, Gabriele Moreschi-ren eszenografia sinple eta errealistaren efektu artistikoa azpimarratuko genuke. | news |
argia-2a282b0d1fae | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/nola-atera-armairutik.html | Nola atera armairutik | Angel Erro | 2015-05-31 00:00:00 | Nola atera armairutik
Dorre bikiak erori zirenean zer egiten ari zinen galdetzen dizun modu berean, jende askok galdetu izan dit noiz atera nintzen armairutik. Erantzun zuzenak "oraindik ari naiz" beharko luke. Azalpen gehiegi eskatu ahal duenez, errazena galdera beste modu batera berrinterpretatzea da: noiz esan zenion lehendabizikoz norbaiti gay zinela. Norbaiti edo norbait askori. Jendeak bilera moduko bat, edo bilera sail bat, irudikatu ohi duelako. Mini tourné bat, ezkontza baterako gonbidapenak senide eta lagunei banatzeko antolatzen direnen gisakoa, hierarkia jakin batean egina, gurasoekin ez bada, lagun gertukoenekin hasita, gurasoak atzeregi utzi gabe –horiek baitira emanaldiaren ikusgarri nagusia, hunkigarriena, zeinean artistak arrisku gehiena hartzen baitu bere gain, galtzeko eta irabazteko handienarekin–, eta lagun urrutiagoekin bukatuta, zerrendan inor jakingabean utzi gabe.
Baina ez da hala izaten. Izan ere, zerrenda ez da inoiz bukatzen. Ezagutza berri bakoitzarekin dilema berpiztuko da, ezer esan (bigarren esaldirako, "nire senargaia" edo, soltero egonez gero, inoiz halakorik ukan gabe ere, "nire senargai ohia" bat boteaz) edo nolabait adierazi ezean (janzkeran, keinu-keran eta abar), ustekizunak heterosexualitatearen alde egiten baitu.
Ni maiz errudun sentitu izan naiz nire armairu ateratze herrena dela kausa. Nahi izanda ere, lotsaren lotsaz luze geroratu ondoren, nire lehen aitortzak ez ziren espero bezalakoak izan –mundu guztiak bazekien edo bazekielako plantak egiten saiatzen zen– eta puntu jakin batean galdu nuen jendeari esaten jarraitzeko interesa. Esan gabe gelditutako gehienek ere jakinen zutelakoan.
Hauetako hirurekin, institutu garaiko hiru ikaskiderekin, harremana berrartu dut azkenaldian, pixka bat neure gogoaren kontra bada ere: denbora luzea elkar ikusi eta elkarren bizitzez jakin gabe ere, tematzen gara lehengo solasgai berberak, orain urte asko utzitako puntu berberean, berrartzen, denbora igaro izan ez balitz bezala, elkarri eboluzionatzeko eskubidea ukatu nahi bagenio bezala. Horrelako dinamika sortu da gure artean, hilean behin egiten hasi garen hitzorduetan. Ez dakit nork eta nola abiatuko zuen baina geldiezina da. Beste hirurek ez dute deseroso ematen, orduko liburu, bideojoko, film eta afizio berberez edo antzekoez mintzo, mendreneko intimitateri leku egin gabe. Jarrera iruzurrez nerabe horretan, inork ez du interesik erakusten besteen bizitza pertsonalengatik. Ezkonduta daude beste hiru mutilak baina ez da emazteen konturik inoiz aipatzen. Agenda aitzakiarik jarrita ere, beti moldatzen dira topaketak nire denbora tarteen arabera antolatzen. Azken orduan ezin naizela joan adierazten badiet, prest daude ez elkartu eta beste egun batean biltzeko laurok. Hiruetako batek ere ez daki euskaraz, ezagutu nituenean nik bezala, baina jakinen balute ere eta idazki hau irakurri, ezikusiarena eginen ziotela susmatzen dut.
Azken egunean bururatu zitzaidan zer egin. Txoke plan bat. Armairutik aterako nintzaien. Banan bana egin dut: bati tabernan besteen zain egon bitartean, bigarrenari barran eskatu bitartean, hirugarrenari kanpoan erre bitartean. Laurok bokatekin eseri eta lehenengo aldiz dibertitu naiz ikusi ez ditudan zientzia fikziozko filmez mintzo. Ohi baino goizago agurtu dugu elkar. | news |
argia-00c9be9169cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/gazte-prekarietatea-2.html | Ametsa gaur hasten da | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2015-05-31 00:00:00 | Ametsa gaur hasten da
Gazteen egoera sozial eta ekonomikoari erreparatzeko adineko soziologo, irakasle eta ikerlariengana jo ohi dugu. Haien ekarpenei baliorik kendu gabe, galdera berberei erantzuteko beste modu bat nahi izan dugu bilatu: hogeita hamar urteak gainditu ez dituzten lau gazte bildu ditugu, horren ongi eta gertutik ezagutzen duten errealitateaz mintzatu eta etorkizunari begira jartzeko.
Zuek zerekin lotzen duzue prekarietatea? Zer datorkizue burura prekarietatea entzundakoan?
Kattalin Saintte-Marie. Nik pertsonalki bizi dut segurtamenik gabeko egoera bezala, zure geroan segurtamenik ez izatea eta egoera ezegonkor batean bizi beharra. Etengabe buruan izatea nola aitzinatuko zaren, nola pasako diren gauzak... Eta hori lotzen da lan ezari, baina baita ere lan baldintza jakin batzuei, eta horrek badu eragina etxearen gainean, harremanetan...
Endika Pérez Gómez. Egia da askotan prekarietateaz hitz egitean lan eremura bideratzen dugula gaia, baina kontuan hartu behar dugu segurtasun edo egonkortasun falta dakarrela, eta ez dela eremu bakarrera mugatzen, bizitzako esparru guztietan sartzen baitzaigu: etxebizitzan, harreman sozialetan... Azken finean, prekarietatea saldu nahi izan diguten ideal bat ez lortzearen ondorio da. Kontsumitzeko eta produzitzeko ideal burges bat eman digute, eta horra ezin ailegatuak eragiten digun ezintasuna da.
Joanes Rosó . Prekarietatea bera, definizio bezala, konpondu beharreko zerbait da; eta egoera horri adarretatik helduz bilatuko diogu irtenbidea. Definizioz pobreziari lotutako kontzeptua da, baina orain dela urte batzuk arte egoera hori behin-behinekotzat hartzen zen, garai berri batera salto egitekotan dabilen eta trantsizio egoera batean dagoenarena. Gaur egungo arazoa da prekarietatea orokortu eta egonkortu egin dela. Baina gazteok gaur prekarietatetik abiatuta, gure etorkizuna diseinatzeko aukera izan dezakegu.
Onintze Goitiz Auria. Kontuan hartu beharda prekarietatea ez dela berria. Historikoki askotan eman den egoera da. Botere falta da, eta aukeratzeko daukagun gaitasun eza da muineko arazoa; ez baitaukagu nola lan eta bizi nahi dugun erabakitzeko aukerarik. Horrek garamatza prekarietatera.
Desberdin pairatzen al da prekarietatea jendarteko klase, genero, etnia desberdinetan?
E. P. G. Prekarietatea pairatzen duena, esan bezala, bere produkzioa lan merkatuan saldu behar duena da, eta klase sozial jakin bati lotua dago, beraz. Baina horrek ez du esan nahi langile klase horren barruko sektore guztiei modu berean eragiten dienik. Emakumeen edo etorkinen kasuan, adibidez, areagotu egiten da egoera. Gazteriaren kasuan, egia da asko lotzen dela prekarietatearekin, baina eragiketan kontuan hartu behar dugu azken urteetan lortu nahian dabiltzan betiereko gazteriaren kontzeptua. Kontsumitzaile adin-tarte hori ahalik eta gehien luzatu nahi dute.
K. S-M. Bai, areagotzen da prekarietatea lehen ere egoera ezegonkorrak, segurtasunik eza edo zapalkuntza egoerak bizi dituzten pertsonengan; Endikak esan duen moduan, dela etorkinen edo dela emakumeen kasuan.
O. G. A. Ez dugu ahaztu behar prekarietatea guk onartzen dugula. Hau da, guk erabakitzen dugu prekarioa den eta ez denaren arteko muga non dagoen. Orokorrean jendartean hitz egiten denean "bah, lan hori prekarioa da", gu ari gara etiketa jartzen; baina moldagarria izan daiteke etiketa hori eta baita muga bera ere. Nik soldatapeko lan guztia ikusten dut prekario, ez baitaukagu gure produkzioa erabakitzeko aukerarik.
Adinaren eta gaztetasuna luzatzearen ideiari jarraituta, agian gaztetasuna kontzeptua bera sistema kapitalistaren asmakuntza bat gehiago da, markatutako adin tarte horretan sistemak berak finkatutako rolak, kontsumoa eta abar erreproduzitzeko.
E. P. G. Nik ez dut uste gazteria bere osotasunean identitate kultural, sozial edo adin tarte bezala inposatu diezaguketen zerbait denik. Kezkatzekoa da, hala ere, nola lortu duen sistemak hori guztia asimilatzea eta sistema bera birproduzitzeko elementu bilakatzea. Ikusi besterik ez daude gaztetasun perfektua lortu nahi badugu bete eta kontsumitu beharreko ezaugarri guztiak.
J. R. Ados nago Onintzerekin, zerekin konparatzen duzun, horren arabera izango da egoera bat prekarioa edo ez. Gu prest bagaude eta tresnak lortzen baditugu zertan eta nola lan egin nahi dugun erabakitzeko, neurgailua desberdina da. Daukazunarekin zoriontsu bazara ziur nago prekarietatearen marra beste leku batean egongo dela. Adinak baino gehiago zure bizitzako aldiak markatzen du desberdintasuna. Azkenean, prekarietatea bizitzeko modua ez da berdina 24 urterekin oraindik familia bateko 'kume' izanik edo seme-alabak izanda.
Malgutasun laborala da asko entzun ohi den beste kontzeptu bat. Zenbat du abantailatik eta zenbat ezegonkortasunetik?
O. G. A. Malgutasun hori da oraintxe sistemak behar duena. Sistema bat da, merkatua bat da, merkatu globala, eta gaur egun distantziak askoz ere txikiagoak dira, baina malgutasun horrek herritarroi eragiten digu.
J. R. Nik ez dakit malgutasuna edo mugikortasuna den. Baina galdera da ea guk nahi dugulako mugitzen garen edo behartuta gaudelako egiten dugun. Nik uste mugitzea bera aberastasuna dela eta pertsona bezala hazten laguntzen digula, baina nahi eta behar izatearen artean dago muga.
E. P. G. Mugikortasuna noski dela aberatsa, baina beti ere baldintza duin batzuk errespetatzen badira. Alde batetik bestera mugitzeak malgutasuna dakar berarekin, baina langilearentzako malgutasuna izan beharrean zapaltzen gaituztenei zuzendutako malgutasunaz ari zaizkigu.
"Lana baldin badaukazu ez kexatu", aditzen dugu.
K. S-M. Gazteoi saldu digute maila altuko ikasketak burutu behar ditugula, ondoren master bat egin behar dugula, eta hori bukatutakoan eskuratu ahal izango dugula lana. Baina hori guztia eginda, eta nire egoera pertsonaletik ari naiz, burua itzuli eta ikusten dituzu zu bezalako gazteak, "formatuak", lanik gabe edo han eta hemen lan txikiak egiten, ahal duten bezala bizitza ateratzen... Azken batean karioegi gara sistemarentzat, beraz, ez gaituzte hartzen, eta topatzen zara bost urteko goi mailako ikasketa batzuekin eta zorte pixka batekin astean ordu gutxi batzuetako lanarekin hilabete bukaerara ezin arribatuta. Noski, lan baldintzei erreparatu ere ez diegu egingo... Eta erraten duzuna, Onintze, erabaki baduzu ordu horiekin nahikoa duzula bizi ahal izateko bikain, baina bestela ez da posible.
O. G. A. Agian lanaz hitz egiten dugunean zehaztu behar dugu zer lan motaz ari garen. Uste dut soldatapeko lanaz ari garela eta horrek dakarren guztiaz. Lan mota horren kasuan, zuk ez daukazu zure lanaren jabetzarik, zuk ezin duzu erabaki nori emango diozun zuk sortutakoa, eta mekanismo automatiko baten bitartez desagertuko da zure eskuetatik beste batzuetara joateko. Zentzu berean, zuk hortik jasotzen duzuna zu bakarrik erreproduzitzeko izango da. Sakonki aztertzeko gaia da, eta lan askearen ideia lantzen hasi beharra daukagu; kolektiboan nolako lanak egin ditzakegun, guretzako, eta gure harreman sareetan oinarrituta.
Egia da soldatapeko lanak badituela ezaugarri batzuk eta erabakitzeko eskubide gutxi edo batere ez diola uzten langileari. Baina egia, baita ere, orain arte bazirudiela soldatapeko lan horrekin ere nolabaiteko ongizatea lor zitekeela. Orain, ordea, badago jendea soldatapeko lan hori nahi eta ezin duena lortu, edo lortuta ere ongizate maila horretara iristen ez dena. Nahiz eta bi kasuetan erabakitzeko gaitasunik gabea izan, ez al dago hor salto bat langile klasetik prekariotzara?
O. G. A. Agian askeagoa zara soldatapeko lanik izan gabe eta zure denbora eta esku-lana zeurea denean. Aipatu duzu badagoela jendea lan-mundutik kanpo geratzen ari dena eta soldatapeko lan hori bilatzen duena. "Zu zertan ari zara?" "Ez, ni orain ez naiz lanean ari, curriculum-ak bidaltzen ari naiz, ea lana ematen didaten". Hori, tamalez, gaur egun gazte askoren errealitatea da. Zergatik ez ote dira beste zerbaitetan ari? Gaur egun ez dagoelako alternatibarako politika askorik, edo baldin badago ez da ikusarazi nahi. Eta badirudi hobea dela "orain arte ondo bizi izan gara" nostalgia horretan geratzea, nik 'ongizate' hori zalantzan jartzen badut ere...
K. S-M . Ados, baina lana bilatzen ari diren gazte horiek beren gurasoek bizitako garai 'on' horien koadroa dute buruan eta zaila da horrelako bizimodua ezagutu duenarentzat ohartzea eta barneratzea 'krisi' deitzen dioten hau ez dela iritsi bezala pasako den kontua. Egoera horren aurrean ito gabe, hasi beharra dago gauza berriak sortzen eta beste egonkortasun bat bilatzen, eta burutik kendu behar dugu lehengora itzultzearen ideia.
E. P. G . Soldatapeko lanaren ñabardurarekin bat nator, baina galderara bideratuta, orain arte sistema kapitalistak saldu digun ideal burgesarekin programatu gaituzte ulertzeko hori dela benetako ongizatea, hor prekarietateak ez daukala lekurik, nahiz eta aro honen aurretik ere egon bazegoen. Baina gaur sistemak ezin die berak saldutako behar horiei ere erantzun, eta egun gertatzen ari den fenomenoa da langile pobreak daudela; enplegua izan bai, baina bizi-baldintza duin batzuetara iristen ez diren pertsonak: etxebizitza duin baterako eskubidea, elikadura, arropa... Beraz, egia da asko entzuten dela "lana baduzu ez kexatu", baina uste dut lana daukatenek ere badituztela arrazoiak protesta egiteko. Orain da garaia beste errealitate bat eraikitzen hasteko, eskema zaharrak erortzen ari baitira.
Emantzipazioa, independentzia ekonomikoa, gurasoen habiatik ateratzea... Uste duzue immobilismora garamatzala gurasoen babesak, ala hori gabe ezingo genuke ezer egin?
K. S-M. Noski izugarrizko babesa ematen digutela gurasoek, eta beharrezkoa dugula, baina gurasoen etxetik atera nahi eta ezin duzunean... Segurtamen bat da, baina noiz arte luzatuko da hori? 30 urtetan? Momentu baten buruan, etxetik atera nahi duzularik, hasten zara buruari bueltak ematen eta aterabideak pentsatzen ez horrela segitzeko.
O. G. A. Emantzipatzearena ez al da apur bat kontzeptu burgesa? Niretzako familia eta harreman afektiboak oso garrantzitsuak dira, eta planteatzea "kito, hemendik kanpo geldituko naiz, jada oso autonomoa naiz, oso librea, oso askea"... Benetan uste dut garrantzitsua dela kontzeptua bera zalantzan jartzea. Gertukoekin harreman estua mantentzea garrantzitsua da, hor potentzial handia dago. Gizartean indibiduo solte asko gaude, bakoitza oso emantzipatua, ekonomikoki karga pila batekin; guretzako agian egokiagoa da, ordea, ikuspegi iraultzaile batetik lazo horiei garrantzi gehiago ematea.
K. S-M. Bai, segun-eta nola definitzen duzun emantzipazioarena, baina ez du erran nahi familia utzi eta zuk zure aldetik joan behar duzunik. Segur da familiaren balorea, zure inguruko lagun eta familiaren lotura beharrezkoa dela, baina emantzipazioak ez du erran nahi muga bat denik eta horiek gabe egin beharko duzunik. Eta gaur egun gehiago, gaztearen prekarietatean noski laguntzen duela, baina gero elkartasunarenak bizi guztian horrela segituko du, emantzipatu edo ez.
J. R. Burujabetza kolektiboa da, agian, mahai gainean jarri behar duguna, eta ez emantzipatzea gizarteko arauek hala agintzen dutelako: ni nire independentziarekin, ni nire karga ekonomiko guztiekin. Azken finean, ni bakarrik ez naiz ezer. Badirudi krisi honi esker hasi garela berriz ere horrelako gauzei bi buelta ematen, alternatibak nola eraiki planteatzen, eskema berriak antolatzen… Baina berriz diot: zerbait eraikitzekotan taldean beharko du izan.
E. P. G. Asko gustatzen zaidan hitza da emantzipazioa, baina ez dut ulertzen modu indibidual batean; gustuko dut, burujabetzaz edo buruaskitasunaz ari delako. Ulertu daiteke era kolektiboan, ordea. Emantzipazioa diogunean ez dut uste gure inguru estuenarekin dauzkagun lazoak apurtzeaz ari garenik. Bestalde, eta galderara itzuliz, tamalez gazte askok behar dugu etxekoen koltxoia, batzuk eroso egongo garelako agian, eta beste batzuk ez dagoelako besterik; baina kontuan izan behar dugu prekarietateak geroz eta sektore zabalagoa hartzen duela, eta gure gurasoen koltxoia ere mehetzen edo husten joan daitekeela. Eta horren aurrean bi aukera dauzkagu: edo modu indibidualean, gure lan-indarra -gazteok hori bakarrik baitaukagu eskaintzeko- saltzen dugu eta modan dagoen ekintzailetasun eta lehiakortasun marrazo guztien artean saiatzen gara gure bizitza topatzen; edo lortzen dugu benetan hausnarketa kolektibo eta komunitario batetik lan autogestionatuak mugitzen hastea. Badirudi hitzez esatea erraza dela eta gero egitea ezinezkoa, baina geroz eta eredu berri gehiago sortzen ari dira, eta horri erreparatu behar diogu, horretan jarri behar dugu indarra.
J. R. Ekintzaile hitzak euskaraz espainolezko emprendedor eta activista hartzen ditu bere baitan. Eta hori da azkenean euskaldunok egiten duguna, ezta? Arazo bat daukagunean gu mugitzen gara konponbidea emateko. Egia da askotan emprendedor hitza norbanakoaren arrakastarekin lotzen dela, baina ni natorren Arrasateko kooperatiben modeloan behintzat, saiatzen gara taldeko ekintzailetza hori bultzatzen, zenbaitetan erosotasun pertsonal askori muzin egiten ekipoaren alde. Zailagoa izaten da normalean kolektiboan funtzionatzea, baina bakarrik azkarrago iritsiko bazara ere, komunitatean urrunago iritsiko gara, eta askoz ere egonkortasun maila altuagoa lortuko dugu.
E. P. G. Bai, baina Confebaskeko presidentea hasten bazaigu azaltzen ekonomikoki eta sozialki aurrera egiteko gazte ekintzaileak behar ditugula, normala da exzeptikoak izatea. Ados nago, hala ere, hitzak izan dezakeen bigarren buelta horrekin, ekintzailetza bera beste ikuspegi batetik landu ahal da. Baina sistema arrakasta indibiduala eta lehiakortasuna bultzatzen ari da behin eta berriz, geroz eta eskaintza txikiagoa denean geroz eta maila akademiko eta laboral altuagoak exijituz, masterrak egitera ia behartuz, gero gainera gure herrian ez dagoenean horretara bideratutako lanposturik.
Egungo egoera prekarioari, oro har, modu kolektiboan ari gara erantzuten, edo soluzio indibidualak bilatzen ditugula iruditzen zaizue?
K. S-M. Norberak xerkatzen du prekarietatetik ahalik eta hoberen ateratzeko bidea. Baina badira beste alternatiba kolektibo batzuk, ez direnak behar beste entzuten. Trukaketa gehiago izan behar genuke iniziatiba horiek beste leku batzuetan ere garatzeko.
J. R. Orain arte, norberak bere burua salbatzeko saiakera egin duela uste dut, baina oraintxe lurra ondua dugu ur pixka bat botaz gero uzta jaso ahal izateko. Nire inguruan jende askok ez daki bere desirak nora bideratu eta jende asko topatzen dut atsekabetuta bere egoerari buelta eman nahian. Aurrera begira uste dut soluzio kooperatiboak direla gure irtenbiderik onena.
O. G. A. Kolektiboa ezinbestekoa da bai, bakarrik ezin zaie aurre egin kapitalismoaren joerei. Gizarte honetan pertsona bakarrik ez da ezer, kolektiboaren babesa behar du talka horretarako. Alternatibak ere bide horretatik datoz. Guk Galdakaoko Ortuondo gaztetxean, adibidez, komunala kontzeptua erabiltzen dugu. Gure artean sortzen diren harreman afektiboetatik abiatzen da barne sistema produktibo komunal hori, eta ideia nagusia da, sistema kapitalistaren joerei aurre egitea. Beti merkantzia da produktua eta zuk lanarekin lortutako diruarekin erosten duzu. Horren aurrean, guk planteatzen duguna da ematearen logika: soberan duzuna eman eta elkarbanatu, trukean ezer espero gabe, taldearen eta zure ingurukoen onerako soilik.
E. P. G. Alternatibak badaude, eta kasu denetan oinarria da gure lan indarra merkatu kapitalistan saldu eta horrekin lehiatu beharrean, kolektiboki erantzutea gazte mugimenduan hain errotuta dagoen autogestioaren bidez. Merkatu eta kontsumo sare paralelo gero eta zabalagoak sortu behar dira. Hori da egoerari erantzuteko daukagun modurik onena.
Baina garrantzitsua iruditzen zait ez sinplekerian erortzea. Askotan badirudi gure errua dela halako proiektu kolektiboetan ez egotea. Badirudi ez badakigu nondik hasi edo halako proiektu bat abiatzeko gaitasunik ez badugu, sistema elikatzen dugula eta ez dugula kexatzeko eskubiderik. Uste hori irauli egin beharra dago. Gure bizitzaren gainean erabakitzen duten heinean, alternatibak sortzeko dugun aukera murritza da. Sistemaren barruan gaude, eta hortik eraiki behar dugu alternatiba. Ez da erraza. Horregatik, iruditzen zait hori presente izan behar dugula, ez jausteko idealismo antzuetan. Kontraesan asko izango ditugu, normala da, baina eraldaketa prozesua hortik abiatu beharko dugu.
Hortaz, arrakaletatik abiatzea proposatzen duzu, pixkanaka gizartea ere eraldatzeko.
E. P. G. Sistemari ahalik eta leku gehienetatik eraso egin behar zaio. Alternatibak eraikiz, eskubideak defendatuz, sistematik kanpo dauden ereduak bultzatuz… baina denak norabide berean izan behar dute: pertsona eta herri bezala burujabe izateko bidean.
Ezin dugu ukatu bizi dugun errealitate objektiboa, baina horrek ez du esan nahi bere kontraesanekin bada ere alternatibak eraikitzeko gaitasunik ez daukagunik. Eta alternatiba sortzen ari ez garenok ere, eskubideak defendatuz eta kontsumo kritiko eta arduratsua eginez, alternatiba horiek aurrera egiteko behar dituzten baldintzak sortzen lagun dezakegu.
J. R. Alternatibak egon badaude, ez dugu gurpila asmatu behar. Transformazio sozialean jarduteko aldiz, tresna asko behar dira, lan asko egin behar da eta estrategia bat behar da horretarako. Nola ahaldundu gazteak bide horiei heltzeko?
Nik inguruan etsipena nabaritzen dut. "Ezin da, zaila dago…". Txipa aldatu behar dugu, tresnak baditugulako. Behar duguna da itxaropena eta indarra lanean hasteko.
O. G. A. Niretzat garrantzitsua da gure esparru naturaletan, eta kontraesanekin lotuta, apurka-apurka pausoak ematea burujabetzarantz. Hau da, ikasketak gure egitea, etxebizitza gure egitea, eta zergatik ez, baita lana ere; lan askea izan dadila. Kontraesanei pixkanaka aurre egitea…
K. S-M. Gure mailako alternatibak egitea posible da, baina zaila da sistematik erabat kanpo egitea. Zuberoan eta Behe Nafarroan badago elkartasun bidez gazteei euren enpresa sortzeko sostengu ekonomikoa emateko ekimen bat, dirua denborarekin itzultzeko aukera ematen duena. Alternatiba txiki bat da norberaren lan propioa sortzeko aukera eman eta prekarietate mota bat atzean uzten laguntzen duena, baina azkenean diruaren logikak agintzen du hor ere.
Alternatiba ekonomikoaz hitz egin daiteke, beste espazio eta alorrak kontuan hartu gabe? Zer gertatzen da, adibidez, gaztetxeekin?
E. P. G . Espazio askotan egin behar da borroka eta tira. Enpleguaren inguruko gogoetak ere egiten dira gaztetxeetan adibidez, hortaz, oso lotuta daude ekonomia alternatiboa eta beste alorretako alternatibak. Adibidez, orain gutxi antolatu diren Herri Unibertsitateak ere indar handia dute, eta norabide berean egiten dute tira, kontzientzia garatzea ezinbestekoa baita alternatibek aurrera egin dezaten. Ekimen horiek guztiek komunean dute kolektibizazioa eta eraldaketarako grina, eta horiek, elkar laguntzen dute gainera.
O. G. A. Gaztetxeen eredua oso alternatiba potentea da, eta egia da orain arte aisiarekin oso lotuta egon dela, baina orain horri ere pixkanaka buelta ematen ari gara. Azken aldiko gaztetxe topaketetan nabari da orain arte aisialdia lan eta ikasketatik kanpo zegoen denbora bezala bizi beharrean, oro har norberaren denbora eta bizibidea antolatzeko modua ari direla bilatzen gune hauetan ere. Gauza bera gertatzen da etxebizitzarekin, okupazio dinamika ere gaztetxeetatik abiatzen da hainbat kasutan, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko bide bihurtzeko gero.
E. P. G. Gaur egungo gazte asanblada askok adibidez, ortu proiektua ere badute. Elikadura burujabetzaren kontua, esaterako, gero eta proiektu gehiagok barneratu dute. Hor prozesu bat abiatzen da, eta apurka espazioak irabazten dira.
Alternatiba ze mailataraino eraman behar da? Pixkanaka hastea nahikoa da?
J. R. Espazioak pixkanaka irabazi behar dira, jendea formatuz. Ulertu egin behar dugu kontsumitzen duguna nondik datorren, ze balioren arabera landu den…
Tokiko garapenak esan nahi du hemen produzituz gero hemen sortuko dugula lana. Ortu bat izatea ez da erraza, lan asko eskatzen du, eta horregatik planifikazio hori komunitate mailan egin behar da. Horretarako trantsizioan gaude, eta bidean badaude jada martxan jarri diren proiektuak. Logika horietatik bizitza proiektuak eraikitzea, hori da hurrengo pausoa. Azken urteetan aldatu da joera hori ere: orain arte esaten ziguten, lana lana da, eta hortik kanpo garatuko duzu zure bizitza pertsonala. Orain aldiz, uste dut konturatzen ari garela pertsona bera garela arlo pertsonal, laboral, familiar edo politikoan. Bizitza bakarra dugu, beti gara pertsona bera, eta maila guztietako harremanek eragiten dute gizartean eta ekonomian. Espazio horiek guztiak ditugu irabazteko.
O. G. A. Ideologikoki ere lanketa handia egin behar da horretarako. Orain arte, eta kasu askotan oraindik ere, lana eskatzen genuen, soldatapeko lana ematea norbaitek, ia-ia mesedez eskatuta. Nire lanetik beste batek dirua ateratzea. Pausoak apurka-apurka eman behar dira, asko hitz egin eta eztabaidatuz, praktika alternatiboekin bestelako errealitateak sortuz.
E. P. G. Ez dago ahazterik ekoizpen bideen jabe ez garen artean, kapitalismoak ere baduela aparatu ideologiko oso bat bere eredua manten dadin. Alternatibak sortzen ditugunean, nahiz eta aldaketa sortu tokian tokiko dinamiketan, borroka ideologiko indartsua ere egin behar da. Alternatibak sortu behar dira, baina komunitate txikirako bakarrik balio beharrean, eraldaketako bokazioa izan behar dute. Herri bezala pentsatu eta lokalean ekin, hori da gakoa. Bestela gure komunitatean konpondu dugun arazoa ondoko komunitatetan mantenduko da. Gainera, kontuan hartu behar da beharrak aginduta batek baino gehiagok ezin diola uko egin soldatapeko lan horri, eta pertsona horiek ezin ditugu eraldaketatik kanpoan utzi.
O. G. A. Gaitasun produktibo handia dugu, baina ez dugu bitartekorik. Guk saltzen dugun lan gaitasun hori ere badugu. Batzuetan badirudi beldur garela gure buruaren jabe izateko. Nahiago dugula esatea, "egizu hau eta ogi apur bat emango dizut". Jaten ematen digunaren eskuari lotuta egon nahi dugula dirudi, etxabereak bezala, eta eskurik ez bada gosez hilko garela. Baina agian basabereak izan behar dugu, eta gure kabuz biziraupenerako elikagaiak bilatu, nork emango digun zain egon gabe.
E. P. G. Argi dago baietz, badaukagula indarra, eta iruditzen zait esperientzia horiek martxan jarri eta bidea egitea tokatuko zaion belaunaldia garela. Baina batzuetan mutur batetik bestera joaten gara, eta oso diskurtso sinplistak ere badaude: "alternatibak eraiki behar dira, hori da bidea" eta beste dena alboratuta geratzen da. Alternatiba ez da soilik gu ondo bizitzeko, herri bezala sortzeko baizik. Horrek ez du esan nahi egitasmo guztiek nazionalak izan behar dutenik. Bide horri helduz gero, momentu batean ez dugu alternatibaz hitz egingo, egiteko modu hori hegemonikoa izango baita.
Nahiko maila teorikoan ari gara orain arte, baina milaka gazteren eguneroko errealitatea da abiapuntua. Ikasketak amaitu berri dituen batek, adibidez, zein ate jo dezake, nola has dezake bere bidea…?
K. S-M. Nik horretan ikusten dut kolektiboaren eta gizabanakoaren arteko muga. Iruditzen zait gazte gehienok gure bide propioa bilatuko dugula. Ikasketak bukatuko ditut laster eta lagunduko dit kolektiboak noski, lagunek, familiak… Baina maila indibidualean ziur asko beharko dut soldatapeko lana aurrera egiteko. Ene mailan segituko dut alternatibak xerkatzen, baina oraingoz behintzat iruditzen zait elkarte mailan lan egin arren, horrekin batera, sisteman bizi naizen neurrian jarraitu beharko dudala enplegu batean, dirua ere behar baitugu. Behar bada pesimista izango naiz baina…
J. R. Hor esparru ezberdinak daude. Indibidualki bakarrik ezingo badugu, ulertu behar da erakundeak erabili gabe ere oso zaila izango dela alternatiba horiek bideragarriak egitea. Bestela gure ekimenak martxan jartzen ditugu, baina erakundeek etengabe trabak jartzen dizkigute.
K. S-M. Ez da dena egun batetik bestera egingo. Baliteke aipatzen genituenak batzea bakarrean, soldatapeko lanarena eta alternatibarena. Baina denbora beharko da, eta nik hor ikusten dut zailtasuna. Hala ere, hori da gure erronka, guretzat ez bada ere, hurrengo belaunaldientzat horrela izan dadin. | news |
argia-a0b98240c5ad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/58-haur-euskarazko-plazarik-gabe-geratu-dira-iruneko-haur-eskoletan.html | 58 haur euskarazko plazarik gabe geratu dira Iru�eko haur eskoletan | Onintza Irureta Azkune | 2015-05-31 00:00:00 | 58 haur euskarazko plazarik gabe geratu dira Iru�eko haur eskoletan
Iruñeko Udalak 164 plaza eskaini ditu euskaraz haur eskoletan, eta 58 haur geratu dira tokirik gabe, %26 baino gehiago. Arrotxapea auzoan 31 haur geratu dira plazarik gabe eta Txantrean 27.
Iruñeko gurasoen aspaldiko eskaria da: euskarazko plazen eskaintza handitu eta plaza horiek hainbat auzotan banatu. Bigarren eskaerari erantzun xumea eman dio Udalak. Orain arte Txantrea auzoan zeuden euskarazko plazak eskaintzen zituzten bi haur eskolak, eta aurten bata Txantrean dago eta bestea Arrotxapean. Lehenengo eskaerari ordea, entzungor egin dio. Iaz 164 ziren euskarazko plazak eta aurten ere bai. Euskarazko plazak eskaini diren bi haur eskoletan 222 euskarazko plaza eskatu dituzte gurasoek. %26 plazarik gabe geratu da.
Kontseiluaren baitan biltzen den Iruñeko Euskalgintzak euskalerria.eus-en adierazi duenez, gainerako auzoetan ere euskarazko plazak eskaini behar lituzke Udalak, eta horrela, iruindarren euskaltzaletasuna nabarmenago agertuko litzateke. Izan ere, Txantrea eta Arrotxapea ez beste auzoetan gurasoek ez dute euskarazko plazarik eskatu seme-alabentzako bai baitakite ez dela halakorik eskaini. Egiazko euskarazko eskaria neurtu nahian, iaz galdeketa egin zuten gurasoen artean eta 466 haur euskarazko haur eskoletan matrikulatzeko nahia agertu zuten. | news |
argia-16882e8dd7a0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/etxauz-axular-eta-chaplin-lotzen-dituen-haria.html | Etxauz: Axular eta Chaplin lotzen dituen haria | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-05-31 00:00:00 | Etxauz: Axular eta Chaplin lotzen dituen haria
Baigorri (Nafarroa Beherea), 1555. urte inguruan. Grazian Etxauz Baigorriko bizkondeak gaztelua eraikiarazi zuen. Hurrengo urtean jaio zen Bertrand Etxauz, Grazianen biloba, eta leinuko kide ezagunenetakoa. 1599an Baionako apezpiku izendatu zuten Bertrand, eta 1617an Tourseko gotzaintza lortu zuen.
1643an Pedro Agerre Axularrek Gero argitaratu zuenean, liburua Bertrand Etxauzi eskaini zion, eskerronez; 1600ean, Sarako erretorea erretiratu zenean, Etxauzek Axularri eman zion kargua. Eta, itxuraz, Axular ez zen izan gotzain baigorriarraren laguntza jaso zuen idazle bakarra, Joanes Etxeberri Ziburukoak ere Elizara erabiltzeko liburua eskaini baitzion urte batzuk lehenago, 1636an.
Gaztelua etxauztarren eskuetan egon zen Amouko Caupenne familiak 1732an eskuratu zuen arte. Frantziako Iraultzaren ondoren, Jean Isidore Harizpe mariskal baigorriarrak erosi zuen, baina handik mende erdira beste sendi ezagun bat sartu zen gazteluan: Abbadie D'Arrast familia.
Antoinen anaia Jean Charles d'Abbadiek erosi zuen etxea 1850eko hamarkadan. Eta haren biloba Harry d'Abbadieri esker, gaztelua Hollywoodeko hainbat izarren ostatu izan zen XX. mendearen lehen erdian.
Harryk, Argentinan jaio arren eta Hollywooden zinema zuzendari eta gidoigile aritu arren, denboraldi luzeak ematen zituen familiaren gazteluan eta tarteka zine munduko lankideak gonbidatzen zituen. Douglas Fairbanks, Mary Pickford eta Gloria Swanson izarren laguna zen, baina bereziki Charles Chaplinekin zuen harreman estua. Maisuaren The gold rush (Urrearen sukarra) filmeko zuzendari laguntzailea izan zen 1924an, eta Chaplin behin baino gehiagotan izan zen Baigorriko gazteluan. Aktore eta zuzendari ezaguna ez omen zegoen gustura gazteluko telefonoarekin eta, horrenbestez, bisitaldietako batean ondo funtzionatzen zuen telefono bat eraman zuen Baigorrira.
Harry d'Abbadiek ingurukoak liluratzen zituen xarma omen zeukan, baina baita galbidera eramaten zuen muturreko urguilua ere. Azkenean, Chaplinekin haserretu zen eta The gold rush filmaren bertsio berria aurkeztean, 1942an, Chaplinek Harryren izena kredituetatik ezabatu zuen. Baina hark ekarritako telefonoa Etxauzko gazteluko liburutegiko mahaiaren gainean dago oraindik. | news |
argia-afbbc265ed2c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2463/nafarroako-parlamentua.html | Barkos lehendakari, EH Bildu edo PSNrekin? | Xabier Letona | 2015-05-31 00:00:00 | Barkos lehendakari, EH Bildu edo PSNrekin?
Geroa Baiko Uxue Barkos izango da Nafarroako Gobernuko lehen lehendakari abertzale eta euskalduna. Iritsi da aldaketa azkenean, baina ez dago garbi nola jantziko den.
Hainbeste desiatutako aldaketa iritsi da Nafarroara, orain ikusteko dago berau nola gidatuko den eta zer aldatuko den egunerokoan. Teorikoki gauza txikiak izango dira lehen urratsean, sinbolikoak, baina Nafarroako herritarren pluraltasuna islatzeko garrantzi handikoak. Egiazko Nafarroaren argazki zuzenagoa eskainiko du egoera berriak.
UPNk zartako itzela hartu du, baina lurzoru oso fidela du oraindik. Zartakoa, funtsean, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala galdu dituelako. Baina gainera, Nafarroako udal garrantzitsuenetan ere aldaketa emango da eta horietako batzuk galdu egingo ditu UPNk. Tutera, Tafalla, Lizarra, Barañain, Burlata, Antsoain eta Zizur Nagusia izango dira aldaketa ezagutuko duten horietako batzuk.
Irabazlerik izatekotan Nafarroan aldaketa bera da, PSNk ezin sostengatu izatea UPNren beste gobernu bat. Irabazleen blokean Geroa Bai eta EH Bilduren lehiak Uxue Barkosen koalizioaren alde egin du, 9 vs 8 parlamentario eta 5.000 boto gehiagorekin. Podemos indar handiz sartu da Legebiltzarrean, ez akaso beraiek espero bezain indartsu, baina edozein kasutan arrakasta itzelarekin. Lehen kolpean halakorik lortzeak ez du aurrekaririk azken 30 urteetan Nafarroako politikan. Gehiago kostako zaie barne kohesioari eustea. Ezkerra da blokeko txikiena eta, Podemos eszenatokian izanda, jaitsi arren duintasunez eutsi dio egoerari bi parlamentariorekin.
Galtzaileen blokean inork ez dio ondo eutsi, denek galdu dute asko, bai boterean eta baita bototan ere. UPNk hartu du zartako handiena, PSNk bi eserleku eta giltza galdu ditu, eta foru hauteskundeetan inoizko emaitza txarrenak atera ditu; eta hala ere, Maria Chivitek emaitza duinak atera dituztela adierazi du. UPNren makulu lanetan ibili izanak, gutxiagorako aukera ematen zion. Beheranzko joerak hor ote du muga? Orain arte bezala jarraituz gero bai, baina hurrengo legealdiko jardunak esango du. PPk egundoko zartakoa hartu du, Legebiltzarrean erdira jaitsiz eta Iruñeko Udaletik desagertuz. Eta Ciudadanos, Legebiltzarrean sartzetik gertu ibili bada ere, aurreikuspenetatik oso urruti ibili da.
Kudeaketa gaitzeko gobernuak
Hori da aldaketari buruz ezagutzen den gauza bakarra, Uxue Barkos izango dela Nafarroako Gobernuko hurrengo lehendakaria, lehen lehendakari abertzale eta euskalduna. Horrek berak bakarrik ematen du aldaketaren neurria. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerraren artean 26 eserleku biltzen dituzte, gehiengo osoa, eta badirudi bloke horren inguruan eratuko dela gobernua, nahiz eta ez dagoen argi nola.
Baina bada beste aukera bat ere, Geroa Bai, Podemos, PSN eta Ezkerran oinarritutako gobernua. Ez luke gehiengo osorik –25 eserleku– baina gobernu egonkorrerako aukera bai, hortik kanpo geratzen direnak UPN eta EH Bildu nekez jar daitezkeelako ados gauza askotan. Geroa Baik izan dezake halako tentaldirik, horrek oraindik zentralitate handiagoa emango liokeelako eta Nafarroa hobeto ordezka dezakeelako. Askoren beldurra uxatzea lortu du Barkosek kanpainan eta hori bera izan daiteke gobernu eraketarako beste gakoetako bat. Baina hori guztia gobernu programen gainean hitz egin beharko da eta alde horretatik Podemosek antzekotasun handiagoak izan ditzake EH Bildurekin PSN eta Geroa Bairekin baino.
Gobernua edozelakoa izanda ere, kudeaketa gaitzekoa izango da eta ez bakarrik bere pluraltasunagatik, baita ere aurrekontu aldetik gaur egun edozein gobernu dabilelako estu. Horrez gain, orain artekoaren kontrara, Madrilek ez dio batere langunduko eta bai, aldiz, zangotrabatu. Besterik gabe, hor daude oraindik dantzanVolkswageneko BEZaren 1.500 milioi euroak.
Baina horiek bihar-etzikoak dira, orain urteetan baztertua izan den Nafarroa aldaketa ospatzen ari da oraindik. | news |
argia-dfadf0db0410 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/europako-eguzki-zentral-handiena-laster-lanean.html | Europako eguzki zentral handiena, laster lanean | Joxerra Aizpurua | 2015-06-07 00:00:00 | Europako eguzki zentral handiena, laster lanean
Bordeletik hogei kilometrora dagoen Sestàs herrian Europako eguzki zentralik handiena izango dena eraikitzen ari dira. Urrian zabaltzea espero dute.
300 Mw-ko ahalmena izango duen zentralak urteko 350 GWh ekoiztuko du, hau da, Bordeleko populazioak erabiltzen duen beste. 260 hektareako lur eremua hartuko du –300 futbol zelai–, eta altzairuzko eta aluminiozko euskarriak dituzten 16.500 mahaitan 983.500 eguzki panel kokatuko dira.
Sortutako energia 4.000 kilometroko kable bidez konektatuko da sare elektriko nagusira.
Ikusten denez beste arrazoi bat gehiago dugu euskal herritarrok iparraldera begiratzeko eta ez hegoaldera. Garoñakoak eta Sestàsekoak, antzeko potentziako sistemak izanik, ildo estrategiko antagonikoak ordezkatzen dituzte. | news |
argia-4f27873473b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/cabeza-voladora.html | Sasoiko itzuli dira | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-06-07 00:00:00 | Sasoiko itzuli dira
Same old
Bonberenea ekintzak, 2015
Indar handia transmititzen dute Same Old taldearen kantuek. Rock progresibo aireak, kutsu epikoko giroak, eta pasarte iradokitzaileak eta hunkigarriak entzun daitezke Cabeza voladora lanean –binilozko disko bat eta CD bat–. Taldekideek indar handia erakusten dute musika tresnak jotzeko eta kantatzeko garaian. Karlos Osinaga arduratu da diskoaren grabazioaz, nahasketez eta ekoizpenaz, eta lan ederra egin du Bonberenea estudioetan.
Doinuak ongi osatuak eta apainduak daude. Rock kantuak dira, mid tempo erritmoak, baina kantu pare batek – Cabeza voladora eta Frente comun – erritmo biziagoa dute. Gitarren marrazkiak, ñabardurak eta xehetasunak kantuetan nonahi entzun daitezke, eta teklatuen notek eta akordeek ederki janzten dituzte kantuak.
Hitzak oso landuak dira. Harremanak, aske sentitzeko, bizitzeko eta izateko nahia, eguneroko bizimodu petraletik eta betiko ohitura aspergarrietatik ihes egiteko gogoa, koldarkeria, zabarkeria, zikoizkeria, zurikeria, itxurakeria eta beste hainbat kontu dituzte hizpide.
Same Old taldea Gasteizkoa da. Gaztelaniaz eta euskaraz kantatzen dute. Jose C. Porras (ahotsa), Dani Arrizabalaga (bateria), Jesus Villalabeitia (gitarra), Danilo Foronda (gitarra), Francisco Orlando (teklatuak) eta Federico Egiluz (baxua) dira taldeko kideak. Danilo Foronda taldeko musikari berria da, lehendik jadanik gainerako taldekideen laguna zen, eta Miguel Angel Cle gitarra jotzailearen ordez hasi da taldean.
Cabeza voladora lana duela aste batzuk argitaratu du Bonberenea Ekintza zigiluak, apirilaren 22an, hain zuzen. Taldeak beste bi disko dauzka kalean Contrafacto (2007) eta Traidor, inconfeso y martir (2010). 2012ko urriaren 12an taldeak Traidor, inconfeso y martir diskoko 4 kantu zuzenean grabatu zituen Westline estudioetan, Juan Blas teknikariarekin, audioan eta bideoan, eta Ramon Marc Bataller saxo jotzailearekin.
Same Old duela hamabi urte inguru sortu zen. Cabeza voladora argitaratu aurretik bi urte inguru isilik eta geldirik egon da, baina ilusio, gogo eta indar handiz bueltatu da. "Orain, gure bizi lerroak berriz ere elkartu dira, eta gehien atsegin duguna egiten dugu berriz ere, jo, jo eta jo, asmo handirik gabe", taldekideen hitzetan.
Taldea indarberriturik itzuli dela eta sasoian dagoela nabari da Cabeza voladora laneko kantuak entzunez gero, eta hori sumatuko dugu han eta hemen egiten diren jendaurreko emanaldi bat ikusten badugu. | news |
argia-423ae22f5bad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/sophie-calle.html | Bizitzeko manerak | Aritz Galarraga | 2015-06-07 00:00:00 | Bizitzeko manerak
Atzera begirako baten aitzakian, hobeto ezagutu ahal izan dugu Sophie Calle (Paris, 1953). Argazkilaria, idazlea, artista, Modus vivendi erakusketan bildu dioteazken 30 urteotako obra. Artea bizitzeko manera edo, zehatzago, manerak, hotz baino beste edozer gisaz utziko zaituztenak.
Julio Cortazarrek badu ipuin bat, Deabruaren lerdea , non agertzen den Roberto Michel, frantziar-txiletarra, itzultzailea eta afiziozko argazkilaria bere orduetan. Kalean bikote bat ikusi du ausaz, ikus zezakeen bezala lagun talde, zakurrarekin pasiatzen den nerabe edota familia alegera bat. Baina bikotea harrapatu du –edo bikoteak harrapatu du bera, auskalo–, eta hortxe dago zain, petrilean eserita, ia konturatu gabe argazki kamera prestatuz argazki pintoresko bat ateratzeko. Atera bitartean, ordea, bikotearen balizko bizitza eta mirariak irudikatuko ditu Michelek, xehe. Jon Alonsoren itzulpenean: "Ez naiz deus deskribatzen ari, ulertzen saiatzen ari naiz bakarrik".
Pixka bat da Sophie Calleren obra ezagunenetako batzuekin gertatzen dena: adibidez, aliritzira, gizon desberdinei argazkiak ateratzen dizkienean atzerriko hirietan; adibidez, lagun eta ezagunak gonbidatzen dituenean bere ohera, gero lotan erretratua egiteko; adibidez, jende ezezaguna hasten denean jarraitzen kalean, inolako aurre-estrategiarik gabe, jarraitze hutsagatik. Bere lehen lana izan zen azken hori, 1978an: "Ez neukan egiteko ezer hoberik. Aspertuta nengoen aspertuta egoteaz. Azkenerako ulertu nuen nire burua jarraitzen aritu nintzela". Jendeari gustatu zitzaizkion argazkiak. Bartzelonan eta Buenos Airesen ditu erakusketak orain.
Voyeur esan izan diote batzuek. Beste batzuek esan izan diote exhibizionista. Bada, voyeur eta exhibizionista, biak batera esan izan dionik ere. Ez du horietatik ordea. Ez behintzat gainontzeko guztiok baino gehiago. Baliabide ustez autobiografikoak erabiltzeak ez dio sekula diskurtso artistiko bat eraikitzea oztopatu. Kontrara, esana utzi du elkarrizketaren batean: "Nire bizitza erabiltzen dudanean ez da nire bizitza, paretan zintzilikatutako obra bat baizik. Gauza arruntetatik datorren poesia da interesatzen zaidana". Calleren lanak ez baitu zerikusirik intimitatearekin: "Nitaz dena dakiela uste duena, erabat okerturik dago. Nire lana nire intimitatetik sortzen da, bai, baina ez du inoiz agerian uzten. Gainera, mundu guztiak ahaztu egiten du nire proiektuen erdiak ez duela nitaz hitz egiten, besteez baizik".
Muga horien baitan, edo, hobeki, muga horiekin jolasean daude Calleren obretarik asko. Luze gabe, garrantzitsuena: Prenez soin de vous , 2007koa. E-posta bat jaso zuen artistak, bere bikotekidearena, zeinean bikote harremana hautsitzat ematen zuela jakinarazten zion gizonak. "Zaindu zaitez", ematen zion akabua. Ez motz, ez nagi, zainduko zela erabaki zuen, 107 emakumeri pasa zien testua, bakoitzak beretik interpreta zezan –epaile, igarle, estilo zuzentzaile, zerbitzu sekretuetako poliziak zeuden tartean–. Hauxe sexologoaren erantzuna: "Depresioaren aurkako pilulak hartzeko motiborik ez dut ikusten. Gertaera malerus batek min eman dezake, baina soluzioa ez da kimikoa". Emaitza, aldiz, ezin ikusgarriagoa; eta zalantzan jartzen dizu, segun ze kasutan, e-postaren erabilera.
Kontua da, esperientziaren eremuan kokatzen dela Calleren obra. Norbere nahiz besteren esperientzian. Izan daiteke bizitakoa nahiz kontatutakoa, erreala nahiz fikziozkoa, zuzenekoa nahiz geroratua, iragan nahiz etorkizunekoa, amestutakoa nahiz desio izandakoa. Eta artearen baitara ekarri dituela simulakroa eta itxura, limurkeria eta begirada, fikzioa eta oroitzapenak, sarkinkeria, espioitza, jarraipena eta iruzurra, jarraitzaile izatea eta jarraitua, begiratzailea eta begiratua. Orainaren arkeologia da Callerena, eta kalea du tailer.
Nor da Sophie Calle
Istorio egile, faiseuse d'histoires , deitu zion Herve Guibert idazleak. Baina nor da zehatz hainbeste argazkitan hain modu diferentetan agertzen zaigun emakumea? Paper bat jokatzen ari den aktorea? Artista bat pertsonaia baten antzezpenean? Artista beste pertsona batez mozorrotua? Artista bere buruaren interpretazioan? Edo artista, unean uneko, bere horretan?
Paul Austerren Leviatan eleberriko pertsonaia bat, Maria Turner, Sophie Calle artistaren trasuntua omen da: "Artista zen bera, baina egiten zuen lanak ez zuen zerikusirik normalean arte gisa definitzen ditugun lanak egitearekin. Batzuek esaten zuten argazkilaria zela, beste batzuek kontzeptualista esaten zioten, beste batzuentzat idazle bat zen, baina definizio horietako bakar bat ere ez da zehatza, eta azken buruan uste dut ezin dela inolaz ere sailkatu. Bere lana burugabeegia zen, pertsonalegia ezein bitarteko edo diziplina jakinetan sailkatzeko. Ideia batek bereganatzen zuen, proiektuetan lan egiten zuen, arte galerietan erakuts zitezkeen emaitza konkretuak zeuden, baina aktibitate hori ez zen jaiotzen hainbeste artea egiteko desio batetik, ez bada bere obsesioei men egiteko behar batetik, bere bizitza nahi bezala bizitzetik". "Ez naiz ni", aitortu zuen behin Callek; "ni puskaz eroagoa naiz".
Galdetu izan diote inoiz arte feminista egiten ote duen. "Ez da aldarrikapenik izan nire lanean". Aditu direnek aitortzen diote, ordea, emakumea agerrarazi izana artean. Ez berari bakarrik, noski. Baina emakume musaren paper tradizionalki pasiboa baliogabetu zuten, ama eta prostitutaren polarizaziotik harago zihoan eredu ordura arte ezezagun bat sortu zuten, genero gailenei bizkar eman zieten, pinturari eta eskulturari, besarkatzeko argazkilaritza, bideogintza edota performancea. "Hala ere, esaten didatenean, konplimendua da niretzat".
Hilobi bat erosten agertzen da Calle berari buruzko dokumental batean, Bolinas, Kalifornian. Dena den, heriotzaz baino gehiago ez ote duen hitz egin absentziaz, galeraz, gabeziaz. Cortazarren ipuin hartako pertsonaia hark esango balu bezala, "ez naiz deus deskribatzen ari, ulertzen saiatzen ari naiz bakarrik". | news |
argia-a620685fb3ed | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/urratsak.html | Urratsak | I�aki Murua | 2015-06-07 00:00:00 | Urratsak
Izenburuan jarrita, gehienok pentsatzen dugu, gure burura lehenik etorri zaigun esanahia ez dela izango. Xinpleegia, ahulegia, nabariegia... Zer ote dago hain hitz ohikoaz idaztea burura datorkion norbaiti? Ur-hatsa ote? Urrezko hatsa agian?
Hauxe pentsatu eta egin: zer da bizitzan harrotasun handiena ematen diguna geuri eta geure gurasoei? Gure lehenengo urratsa(k)! Eta behin, berriz, hirugarrenez eta n garrenez emanarazten digute hain misterio ezkutukoan gordeta eduki dugun abileziaren froga.
Nola ez, guk, dobleko ahoa betetzen duen irribarrearekin, behin eta berriz burutzen dugu eskaria eta besoak zabalik dituen harengana, ttapala-ttapala erortzen uzten dugu gure soin xamurra, balantxaren bat egiten badugu ere, eutsiko diguten ziurtasun osoz. Horrela ekiten diogu amaiera jakinik gabeko ttapalaldiari. Denok onartzen dugu erorikoz eroriko ikasiko dugula urrats ziurrak ematen. Agian, laster batean, baita lasterka/korrika egiten ere.
Aurten ere, Senpereko lakuaren jiran, herri bat sentitu nuen bere hizkuntza mihian dantzan zuela. Bai. Batzuek euskara eta besteek erdarak. Aurkezpen ekitaldian, luzeena aritu zirenak frantses hiztunak izan ziren eta, ekitaldi hartan egoteagatik soilik onartu genielakoan nago luuuuuzatze hura. Eta irribarretsu, adarjotzaile, umorez blai, zirikatzaile... aritu ziren gonbidatuak. Eta nola ez, aurkezlea!
Mihiaz, oinez, patxadaz, presaz, bide-lasterrean edo lasterbidean, urratsak eman zituzten/genituen; urrun gaudenon arteko urratsak baina batera eta elkarrenganantz, bidean aurrera egiten genuen bitartean. Aspaldiko jendetzarik handiena iruditu zitzaidan putzu sakon eta ilun bat izan zen hartatik, ur gazi bat atera nahian, euskara itsaso urdin bihurtzeko ametsean. Eguna, eguraldia, giroa hartarako zeuden; hala egin dugu urteetan eta ados gaude: nahi eta behar dugu. Eroso, urratsak ematean arinago bezala sentitzen nintzen; gogo bera geneukan jendez inguraturik, babesturik. Ez dakit hala zen edo ez!
Hurrengo egunetan baina, bakoitza putzuaren alde banatan ari ginen, agirika, orroa jario, zaunkalari... Ez zegoen urratsak ematen hasi besterik parekoak besoak zabalik hartuko zintuelakoan! Edonork zure deskuidu ttikiena balia zezakeela zirudien, zangotraba egin eta putzu ilunean itolarriak jota, begirada begi-bala bihur zekizun. Eta sentipen hau amaitu ordez handitzen ari da. Egunero entrenatzen gara/gaituzte elkar larrutzeko laguntzeko ordez.
Alferrikako urratsak, elkarbizitzarako eraikitzaile ez direnak saiheste aldera, nik proba egingo nuke, herriak ordezkari politikoak "demokratikoki" hautatzeko jasan behar dituen kanpainak hain irudimen, tonu, gizalege, maila, eragin... ezkorra izanik, ea ez egiteak zenbat on dakarren neurtzen. Hau ere noizbait elkarrekin urratsez urrats proposatu eta egin beharreko bidea izan daiteke, ala? Ea elkar urratzera ordez elkarrekin urrastera bideratzen gaituzten, behingoz! | news |
argia-d653243d6646 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/komunikazioa-betaurreko-moreekin.html | Komunikazioa betaurreko moreekin | Lander Arretxea | 2015-06-07 00:00:00 | Komunikazioa betaurreko moreekin
Genero ikuspegia kontuan hartuta lan egiten duten enpresa eta erakundeak, apurka, baina gero eta gehiago dira. Nerea Uria hernaniarrak eta Ilazki Gainza donostiarrak osatzen duten Kalaka komunikazio agentziarentzat ordea balio bat baino gehiago da. "Betaurreko moreak" dira euren lan-tresna ezinbestekoa. Horixe baita, hain zuzen, eskaintzen dutena: komunikazio parekidea.
Gipuzkoako Beterriko udalek elkarlanean antolatutako Kooperatzen programan ezagutu zuten elkar. Bertan, enpresa bat sortzeko oinarrizko formakuntza eta aholkularitza jaso dute. "Proiektu bana eraman genuen bertara, eta berehala ikusi genuen biak bateragarriak zirela. Gainera, ez genuen bakarrik abiatu nahi. Elkar ezagutzea izan da Kooperatzen -ek eman digun onena".
Proiektuarekin aurrera egiteko Beterriko Garapen Agentziaren babesa ere izan dute, eta bertako Co-working espazioan biltzen dira goizero. Bertan eman diote forma laster irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango den Kalaka komunikazio agentziari. Ez dute, hala ere, agentzia bat gehiago izan nahi. Horretarako, genero ikuspegia euren lan guztietan txertatuz gizartean hausnarketa eragiteko ahalegina egiten dute. "Komunikazioa zapalketa handiko sektorea da. Guk frogatu nahi dugu gauzak bestela egin daitezkeela. Hori da gure ekarpena".
Biak ala biak, komunikazioan edo kazetaritzan aritutakoak dira, eta sektorean egiteko asko dagoela diote. "Badirudi, gaztelaniaz adibidez, los/las jartzearekin nahikoa dela, baina hori baino askoz sakonagoa da. Genero ikuspegiak jarreretan eta edukietan ere izan behar du eragina". Zentzu horretan, Kalakan hizkuntza eta jarrera inklusiboak erabiltzen dituzte haien estrategiako eduki eta zerbitzu guztietan, eta baita lantzen dituzten harremanetan ere.
Gabeziak osatzeko emakume sarea
Kalakak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez, komunikazioa da oro har euren lan-esparrua: estrategiak diseinatu, garatu eta euskarrietara egokitzeko gaitasuna dute. Bien artean oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko gai diren arren, lan espezializatuagoak egin ditzaketen emakumeen sarea ari dira osatzen: "Sortzen ari gara euren kabuz lanean dabiltzan emakumeek osatutako talde bat, genero ikuspegia nola txertatu ulertzen dutenena. Haien laguntzarekin iritsiko gara bezeroek behar duten edozertara. Oraingoz, oso ongi hartu gaituzte".
Landu nahi duten beste alor bat aholkularitzarena da: erakunde edo taldeei genero ikuspegia komunikazioan txertatzen laguntzea. Ildo beretik, formakuntza ikastaroak emateko prest daude. Izan ere, gizarte mugimenduetan dabiltza Uria zein Gainza, eta egitura bat sortu nahi dute jendarteari bueltan ekarpen bat egingo diona. "Hau gure bizibidea izatea nahi dugu, asebeteko gaituen proiektua, eta ez aberasteko bide bat. Horretarako onena, harreman horizontaletan oinarritzea da". | news |
argia-14850e75d7f1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/gizartera-egokitu-ala-behetik-gora-eraldatu.html | Gizartera egokitu ala behetik gora eraldatu? | Axier Lopez | 2015-06-07 00:00:00 | Gizartera egokitu ala behetik gora eraldatu?
300.000 lagunen babesa jasota ere, EH Bilduren mugak agerian utzi dituzte hauteskundeek. Azkarregi joan izana al da beherakadaren arrazoi nagusia? Vocentoren erasoaldia, akaso? Momentuko egoerari dagokio kezka ala estrukturala da? Herri mugimenduen ikuspegitik gaiari buruzko analisia jarraian.
Ezkerreko independentisten eremuan azken lau urteetan gertaera garrantzitsuak jazo dira: 50 urteren ostean borroka armatuaren amaiera; ezker abertzalearen legalizazioa; EA, Alternatiba eta Aralarrekin koalizioa; zerrenda "kutsatuen" arau antidemokratikoen arabera jokatu behar izana; sekula izan duen botere instituzionalik handiena kudeatzea; epaiketa politikoen gurpila etenik gabe pairatu beharra... Edozein indar politiko sakon baldintzatzeko moduko egoera izan da, eta ziur analisi eta jardun politikoan eragin zuzena izan duela.
Aldi berean, alderdi politiko tradizionalen mugak inoiz baino ageriago geratzen ari dira mundu zabalean. Alderdien menpeko "joko demokratikoa" delakoak demokratikotik gutxi eta jokotik asko duela dioen ustea bere egin du herritarren multzo zabal batek. Gurean, hemengo politikaren ezaugarriek baldintzatuta apika, ezker abertzaleak ez du orokorrean "ez gaituzte ordezkatzen" ziotenekin konektatzea lortu. Politika egiteko bestelako moldeen beharraren aurrean, ezker abertzaleak inoiz baino alderdiago jokatu duela sentitu du askok. Normaltasun eta kudeatzaile onaren irudia eman nahian, gainerako alderdi politikoen eskema berean kokatu du bere burua EH Bilduk.
Erabaki horrek sakoneko ondorioak izan ditu: politikoki zuzenaren mugak gainditu nahi ez izatea, proiektuen arteko konfrontazioa saihestea, erabilitako terminologian eta komunikazio estrategian gainerako alderdien eredutik ez aldentzea, borroka-moldeen esparruan ekarpen berririk ez egitea...
Gai honekin lotuta, Asier Blas politologoak Hamaika Telebistan esan zuen: "ezkerreko profila bigarren maila batean utzi du, bere burua EAJ progretzat aurkeztuz, bere identitatea diluitu du EH Bilduk. Merkealdi ideologikoan sartu da". Izaera independentistan ere, erabakitzeko eskubideari eman diote zentralitatea. Independentismoak esparru berriak irabazteko ezinbesteko duen pedagogia ideologikoan behar beste ez sakontzea leporatu dio batek baino gehiagok koalizioari.
Diluitze horretan EH Bilduk ordezkatu du ezkerreko profil nabarmena duten Sorturen eta Alternatibaren oinarri sozialen mezu propioa. Koalizioaren mezu politiko lauak ez ditu herrigintzan aktiboenak diren asko asetzen. Herri mugimenduko militante askori alderdi politikoekiko laxokeria eta ilusio falta nabari zaie.
Ezker abertzalearen mezuan eta oinarri sozialean historikoki ohikoak izan dira herritar antolatuen aldeko apustua, ordezkaritza sistema politikoarekiko eta alderdi tradizionalekiko kritika zorrotza, eta inposaketen aurrean jarrera desobedientea hobestea. Egun munduko zonalde askotan sortu diren mugimendu herrikoi berrietan nagusitu diren ideiak dira. Fenomeno sozial berri horiei buruzko irakurketa zorrotzago batek ahalbidetu dezake gizartearen sektore askok politika zaharrarekiko duen aldentze sentimendua EH Bilduk bideratzea, kapitalismoaren aurkako alternatiba independentista argi bati lotuz. Politika berriaren eta zaharraren arteko talka, ezkerreko mezu argi batez elikatuta, kontuan hartzeko aldagaia da.
Langile klaseko beste jende multzo batzuekin –urte luzez ezkerreko independentistekin batera aritu gabeak– konplizitateak sortzeko aukera dago. Euskaldun/espainiar dikotomia antzua gainditzeko, identitate herrikoia sustatzeko eta "behean" daudenen arteko harreman berriak sortzeko abagune paregabea pasatzen ez uztea du erronka ezker abertzaleak. Sortuko presidente Hasier Arraizek Berrian esandakoaren ildotik, "poliedrikoa izan behar du EH Bilduk". Zonaldean zonaldeko analisia eta proposamenak sortu eta garatu litezke, Tuteran hautagaitza herritar baten alde egin izanak erakusten duen bezala. Antolakuntza eredua berrikustea izan daiteke lehen pausoetako bat.
Sistema politiko eta ekonomikoarekiko asperdura orokorra sentitzen duen jende multzo berri hori Podemosek bereganatu du, EAEn nagusiki. Herritar horiek ez dute ikusi ezker abertzalean zein EH Bildun ordezkaritza egokia. Horren adibide nagusia Euskal Herriaren herena biltzen duen Bilboaldean daukagu. Euskal Herri osoan pobrezia eta prekarietate parametrorik okerrenak dituen eskualdean, euskal eskuinak –eta abstentzioak– irabazi du, EH Bildu bozketan jaitsi egin da eta herri gehienetan bigarren indar gisa Podemos sartu da. EAJk ez dio bere balio antzekoak dituztenen eremuan indarrak metatzeari uko egin. Hauteskunde hauen emaitzek oso argi adierazi dute PPk eta PSOEk galdutako bozen zati handi bat EAJk eskuratu duela, eta hala, aurretik kontrolatu gabeko botere-guneak eskuratu ditu Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.
Hauteskundeen balorazioari buruz Sortuko
presidente Hasier Arraizek herritarrek zer
nahi zuten jakiteko usaimen falta
aipatu zuen Euskadi Irratian.
Gipuzkoan, lehen aldiz hiriburua eta aldundia kudeatu ditu ezker abertzaleak. Edozein neurri, erabaki edo adierazpen garrantzitsuren aurrean oposizioaren, kontrol pribatuko hedabideen eta enpresari handienen erantzun bateratuak ikusi ditugu lau urtez. Hondakinen gaia izarretako bat izan da. EH Bilduk berak egin ahal izan dituen akatsez gain, garrantzi berezia izan du Gipuzkoa kontserbadorea defendatzen duten indar faktikoen erasoaldiak. Nekez eutsi diote herri gehienetan eta soilik herri mugimendu sendoa eratzea lortu duten lekuetan atera da airoso EH Bildu hauteskundeetan. Tokian tokiko herritar antolatu eta kritikoen kontzientziazio inurri lanik gabe nekez eutsiko die edozein alderdik edo instituziok tamaina horretako ekaitzari.
Instituzioak eta eraldaketa
Norberaren proiektu politikoa kudeatzeko guneak ala herri boterea sortzeko tresnak dira erakundeak? Politika ulertzeko bi jarrera hauen arteko tentsioa aspaldikoa da.
Sabai edo muga gisa ikus daitezke egungo gizartearen balore tradizionalak. Proiektu eraldatzailearen balioak ez aldarrikatzeak edo ezkutatzeak, ordea, ahulezia eta konfiantza falta transmititzen du; gerora praktikara eramaten saiatzeko orduan sor ditzakeen beldur edo konplexuez ahaztu gabe. Baloreetan sakontzeak, ordea, proiektuari koherentzia emateaz gain, subjektu eraldatzailea osatzen duten pertsonen aktibazioa, eta beraz, emaitzak dakartza.
Instituzioak, eta politika oro har, herritarrak aktibatzeko, antolatzeko eta behetik gorako ahalduntze prozesuak azkartzeko tresna izan daitezke. Hau da, herritarrak aldaketaren lehen lerroan egotea gakoa da.
Azken hauteskundeetan bere ordezkaritza instituzionala hirukoiztu duen CUPeko kide Anna Gabriel Sabaték ARGIAn azaldu zuen ikuspegi hori: "Ordezkaritza instituzionalak herri mugimenduaren isla izan behar du, eta ez alderantziz. Antolatutako jendea ordezkatzen dugu instituzioetan".
Alderdi politikoetan oinarritutako ordezkaritza instituzionala politika egiteko era zaharkitua da munduko jende askorentzat. Lau urtean behin herritar guztiei dagozkien kontuak erabakitzeko eskumena pertsona gutxi batzuei ematea ez da sistema egokiena. Politikarien gaineko kontrol ezaz gain, bozek ez dituztelako gizartearen gainerako botere-guneak kontrolatzen, multinazionalak eta masa-komunikabideak kasu. Beraz, "aldaketa" hitzaren sinonimo bilakatu den Nafarroari begiratzean zorroztasun berezi batez egitea komeni da. Ezinbesteko pausua eman da Nafarroan: kasta politikoa botere-gune batetik erauztea. Herritar kritikoek sorturiko behetik gorako mugimenduen kontrolik gabe ordea, urrun izango da egiazko aldaketa, gizartearen baloreen eraldaketari dagokiona. Gipuzkoan eta Grezian ikusi denez, botere instutizionala lortzea ez da nahikoa aldaketa sakonak gauzatzeko.
Horrenbestez, funtsezko galdera bati erantzun beharko dio EH Bilduk: zer izan nahi du etorkizunean, Euskal Herriko herri mugimendu anitzen jakinduria kolektiboaz elikatu nahi duen mugimendua ala ohiko alderdien egitura trinkoen batura?
Antolakuntza ereduari buruzko eztabaidari bide emateak kolektiboa indartzea ekar dezake. Egiturak horizontaltzea egun atzeman daitekeen inplikazio eta ilusio faltari aurre egiteko modua izan daiteke. Boterea banatzea, belaunaldi aldaketari bide ematea eta funtsezko erabakiak militante eta oinarriek hartzea dira gako garrantzitsu batzuk. | news |
argia-2e0163a3c8e4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/pesia-eta-zirimola.html | Pesia eta zirimola | Jakoba Errekondo | 2015-06-07 00:00:00 | Pesia eta zirimola
Usain pesia darama, udaberrian, haizeak zirimolan. Etengabeko txandakatzean, lorea lorearen gainean zabaltzen ari da, batak bestearen usainari gaina hartu eta azpian hartu nahian. Ikusgarritasunaren ohorea eta usaina hedatzeko elkarri airea kenduz. Loreen gudan gaude. Era guztietako landareetan aurkituko dugu orain lorerik: zuhaitzetan, zuhaixketan, herrestarietan, igokarietan, belarretan...
Usainetan ez gara sartuko –kabitu ere egin behar da!–, bakoitzaren gogokoak eta desgogokoak, denontzat adina bada. Usaina barreiatzen dutenetan erreginaren bat aukeratzeko dema eginez gero, Lamiaceae sendia ez da lotsagarri jardungo. Eta gailentzeko ere arrisku ederra. Loreetan baino usain gehiago sortzen du berdean: hostoetan, zortenetan...
Lore ezpaindunak ematen dituzte lehen Labiatae eta orain Lamiaceae deitzen dioten sendikoek. Horiek ditugu landare usaindun ezagunenak. Horietakoa da duela gutxi aipatutako otondo-belarra ( Stachys offocinalis ), baina baita ere erromeroa ( Rosmarinus officinalis ), izpiliku mina (Lavandula stoechas ), izpiliku fina ( Lavandula angustifolia ), katu-belarra ( Nepeta cataria ), isipu-belarra ( Hyssopus officinalis ), mendaroa ( Origanum majorana ), oreganoa ( Origanum vulgare ), ezkaia ( Thymus vulgaris ), azitraia ( Satureja hortensis ), mendak ( Mentha sp. ), salbiak ( Salvia sp. ), albahaka ( Ocimum basilicum ), garraiska ( Melissa officinalis )...
Horietakoren baten hostoren bat edo txortentxoren bat edozein plateretan edo lapikotan topatuz gero, ez harritu, gero eta maizago darabilzkigu jakien gozagarri.
Sukaldean aurrera ari diren bezala, botikan ere tankeratsu, sendabelar ezagunak dira. Esentziak eransten dio usaina landare horien berdeari. Usain horrek baratzean ere badu zeregina: etor daitezkeen gaitzak eta izurriteak uxatu egin ditzakete. Guretzat bezalaxe, usainak gogokoak eta desgogokoak dira haientzat ere.
Barazkien eta geure gaitzak uxatu eta jakiak gozatu. Maizago erabili beharko genituzke... | news |
argia-05b7497f4813 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/kafea-kondenatzen-saiatu-zen-erregea.html | Kafea kondenatzen saiatu zen erregea | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-06-07 00:00:00 | Kafea kondenatzen saiatu zen erregea
Suedia, 1674. Kafea lehenengoz iritsi zen eskandinaviar herrialdera. Mende laurdenez inork gutxik dastatu zuen edari berria, baina XVIII. mendeko lehen urteetan modan jarri zen suediar aristokraziaren eta intelektualen artean. 1746an, errege ediktu baten bidez, kafe kontsumoa mugatu zen, "erabilera okerra eta gehiegikeriak" saihesteko. Kafearen gaineko zergak igo zituzten hasieran eta, aurrerago, erabat galarazi zuten. Baina, Europako gainerako herrialdeetan bezalaxe, kafe kontsumoak gora egiten jarraitu zuen erresuman.
Ez zen kafearen inguruko lehen debekua; 1675ean, Karlos II.a Ingalaterrakoak kafetegiak ixteko legea promulgatu zuen, baina ez zen sekula indarrean jarri. Kontua da Ingalaterrako erregea ez zela kafeak osasunean izan zitzakeen ondorioen beldur, kafetegietako tertulia politikoek bere gobernuaren egonkortasunari eragin ziezazkioketen kalteen beldur baizik.
Suediako gortean, aldiz, substantzia bera zen kezka, bereziki 1771n Gustavo III.ak agintea lortu zuenetik. Erregearen ustez kafea osasun publikorako arriskua zen, eta edari iratzargarria pozoitsua ere bazela egiaztatu eta herritarrei jakinarazi nahi izan zien, esperimentu baten bidez.
Garai hartan espetxeak balizko giza akuriz beteta zeuden, ohikoa baitzen presoei zigorra barkatzea edo arintzea berme eskaseko esperimentuetan parte hartzearen truke. Erregearen ordezkariek heriotzara kondenatutako bi anaia biki topatu zituzten Gustavo III.aren kafeari buruzko teoria frogatzeko. Batek tea edango zuen egunean hirutan; besteak kafea. Eta bi sendagile izendatu zituzten bikiei osasun azterketak egiteko.
Urteak joan ziren eta kafea edatera derrigortutako bikia sasoiko zegoen oraindik. Izan ere, esperimentuarekin zerikusia zutenetan, erregea bera izan zen hiltzen lehena. 1792an berak eraikiarazitako Stockholmeko operan tiro egin zioten, eta handik hamabost egunera hil zen, balak kafea baino hilgarriagoak direla frogatuz.
Proiektuko bi medikuak hil ziren ondoren eta hortxe amaitu zen esperimentua. Kaianders Sempler eta Alon Y. Halevi historialarien arabera, tea edaten zuen bikia 83 urterekin hil zen, artean kafea edaten zuen anaia bizirik zela, eta haren heriotzaren berririk ez dago.
Kafea pozoia zela frogatzeko esperimentuak porrot egin zuen, 1820ko hamarkadan edaria legeztatu zuten arte Gustavo III.aren ondorengoek kontsumoa debekatzeko egindako ahalegin guztiek bezalaxe; gaur egun, suediarrak munduko seigarrenak dira per capita kafe kontsumoan. | news |
argia-f67c994abe5c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/karabeleko.html | Ekologia, gizartea eta ikerketa | ARGIA | 2015-06-07 00:00:00 | Ekologia, gizartea eta ikerketa
Hauteskunde bezperan Errekondok Hernaniko Karabeleko Elkartean aurkeztu zuen liburua: "Nahikoa da politikari bati galdetzea zer jaten duen eta non erosten duen, bultzatzen duen eredua ulertzeko" egin zuen gogoeta. Beti ditu ateak zabalik liburuaren bidelagunetako bat den Karabeleko proiektuak. Bertako langile Oier Iurramendik erakutsi digu bisitariok aurkituko duguna: Hasteko, Agifes-eko (buruko gaixotasunak dituztenen Gipuzkoako elkartea) 10-15 kide baratzean lanean. Baratzeok terapia zentro dira. Horrez gain, ekodenda aurkituko dugu. Bertan saltzen duten denak du ziurtagiri ekologikoa: landareak, lurrak, substratuak... herri baratzeetan dabiltzanek behar duten moduan. Eta ikergunea ere zabalik izango dugu. Barietateak aztertzeko dagoen premiari erantzunez, Karabelekora mundu zabaletik ekartzen dituzte landareak, bertan ekoitzi eta prozesua aztertzeko. Lasai jo dezakegu barietate bitxiok ezagutzera. Azkenik, 1,5 hektareako baratze honek ematen duenaren inguruan kontsumo taldea sortu dute. Munduko barazki bereziak ere iristen dira erabat ekologikoa den otarrera.
Irabazi asmorik gabeko Karabeleko Elkarteak lau erakunde ditu hanka: Agifes, Blasenea mintegi ekologikoa, Kimubat paisaia lantzen duen enpresa, eta Ernetuz SLL (bertako hiru langileek daramate ekodenda eta baratzeko eguneroko lana).
Informazio gehiago:
Bizi Baratzea liburuaren aurrerapena
Erosi Bizi Baratzea liburua | news |
argia-95279f2054ef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/besarkadak.html | Besarkadak | Kattalin Miner | 2015-06-07 00:00:00 | Besarkadak
Hauteskunde aurreko kanpainan, CUPen spot bat ikusi nuen non emakume ahots batek Ovidi Montllorren Serà un dia que durarà anys poema errezitatzen duen artean, ezin adierazgarriagoak diren irudi batzuk agertzen diren.
Bideoaren ideia inozentea da itxuraz, sinplea: eszena diafano batean bi lagun sartzen dira, genero, jatorri, arraza, kultura... anitzetakoak eta haien artean besarkatzen dira, batasun hori adieraziz edo. Bideoaren amaieran ordea, argiak ilundu, musika sakon eta baxu bat sartu eta neska bati gorbatadun gizon bat datorkio besarkada ematera. Une horretan, eta atzetik datozen beste hainbat gorbatadunei, sekulako astindua ematen die neskak. "Historia aldatuko dugu", dio leloak, eta bideoa amaitzen da.
Ez da ez kasuala irudi hori erabaki izana bozka aurreko kanpainarako, izan ere, David Fernandezek eman zuen besarkada hark CUPek nor besarkatu nahi duen eta nor ez birpentsatzea ekarri du. Gurean besarkadak dabiltza dantzan orain, eta "ez inoiz bizkarrik eman besarkatzaile onari", diote haiek. Ez ahaztu, besarkatzaile onen atzetik, labankadak ere etortzen dira maiz. | news |
argia-0a5fa9af0503 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/aitatasuna.html | Parkean umearekin jolastea baino gehiago da zaintza | Onintza Irureta Azkune | 2015-06-07 00:00:00 | Parkean umearekin jolastea baino gehiago da zaintza
Aita parkean dago haurrari begira eta guraso batek galdetu dio: "Zer, zu zaude lan-utzialdian?". Gauzak aldatzen hasita badaude ere, horrelako galderek adierazten dute ohikoa umea amak zaintzea dela, ez aitak. Bestela, probatu galdera amari egiten: "Zer, zu zaude lan-utzialdian?".
Emakumeak barneratuago dauka halako batean ama izatea erabakitzen badu haurra berak zainduko duela. Gure gizartean errotuta dago amak denboraldi baterako enplegua utziko duela eta haurra artatzen arituko dela. Begi onez ikusia dago, jendarteari mesede egiten ari da. Amaren rola hori da. Aitarena ez, horregatik sarreran aipatu dugun moduko komentarioak oso ohikoak dira. Aitak argi eta garbi izan behar du haurra zaindu nahi duela, lan merkatutik ateratzeak ez diola axola, edo behintzat, haurraren zaintza hobetsiko duela. Aitak justifikatu eta argudiatu egin behar du aitatasun baja, adibidez.
Itziar Alonso-Arbiol EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea da, Amatasun eta aitatasuna, proposamen berriak (2006, UEU) liburuaren egilea. Honela deskribatzen ditu aitaz eta amaz gizarte honek dituen irudi sozialak: "Orokorrean, haurren zaintzari emana dagoen aitak badu ukitu positiboa, aita 'jatorra' da aitatasun baimena hartzen duena. Baina, egunez egunekoan, eta batik bat lan merkatuari lotuta, ez da serioa haurrak zaintzeko lana uztea". Abokatu edo arotz izateko ikasketak egin dituena, haurra tarteko lan merkatutik ateratzea ez dago hain ondo ikusia, etorkizunerako proiektuak dituen gizonak etenaldiak egitea ez da batere erraz ulertzen. Haurren zaintza oztopoa da. Ez dator bat gizonaren rolarekin, eta beraz, zaintzari lehentasuna emango dion gizonak ideiak oso garbi izan behar ditu, sendo egon behar du bere jarrera ohiz kanpokotzat jo dutenei erantzun ahal izateko.
Soldatak ere badu zerikusia
Alonso-Arbiolek uste du aitak haurren zaintzan emandako pausoak xumeak izatearen arrazoi nagusia kontatu berri dugun irudi soziala dela. Bigarren mailan kokatzen du zaintzarako lan etenaldiak egiteko aitaren eta amaren soldatak kontuan hartzea. Hau da, gizonak du sarri emakumeak baino soldata hobea, eta argudio edo aitzakia izan daiteke lan merkatutik ez ateratzeko.
Enplegua eta familia ez dira uztargarritzat hartzen, batera edo bestera egin behar da, eta batik bat zaintzak egiten du talka gainerako jarduera guztiekin, dela enplegua, dela aisialdia... Europako hainbat herrialdetan ez bezala, Hego Euskal Herrian dikotomia saihestezina da. Enplegua mutur batean eta zaintza bestean. Lehenengoak prestigioa du, ezin du edonork edozein lan egin, ikasi egin behar da lan merkatuan aritzeko. Umea edonork zaindu dezake, ez du inolako prestakuntzarik eskatzen. Alonso-Arbiolek dio ez dela batere goxoa aitari egiten zaion proposamena: "Anekdotaz gain, ('ai zein aita jatorra, lana utzi eta umea zaintzen ari da!'), esaten zaio ez duela lana serio hartzen haurrarekin etxean geratzen bada, eta era berean, esaten zaio umeak edonork zain ditzakeela, ez dagoela zertan aditua izan".
Amak umearekin lotura sendoagoa?
Ikuspegi biologikoa azpimarratzea aitzakia da psikologoarentzat. Amak umearekin lotura berezia izatea, barnean izan duelako, bularra eman diolako... ulertzen du Alonso-Arbiolek, baina badira haurraz erditu ez diren amak eta lotura afektiboa berdin mantentzen dute. Nerabeen ongizate psikologikoa indartzeko gurasoen jarrerak aztertzen dituen ikerketa batean, aldagai batzuetan, afektibitate lotura handiagoa zuten aitek umeekin amek baino.
Asko falta zaigu haurren zaintzan amak eta aitak rol antzekoak betetzera iristeko. Aurrerapausoak eman dituzte aitek, baina Alonso-Arbiol beldur da Espainiako Estatuaren egoera ekonomikoa dela-eta ez ote dugun atzera egingo. Zenbat eta gizarte pobreagoa, orduan eta balore atzerakoiagoak. Zaintza prestigiatzeko, umeen ardura eta enplegua uztartzeko neurriak hartzeko, klase ertain indartsua beharrezkoa da, eta gaur egun, Espainiako Estatuan jende masa hori galdu egin da.
Islandiako 4-4-3ra iritsiko bagina?
Aitak eta amak betetzen duten rolaz hitz egin dugu. Irudi sozial hori aldatzeko erreminta garrantzitsua da aitatasun eta amatasun baimenak berdintzea, PPIINA plataformaren iritziz. Espainiako Estatuko talde honek jaioberrietan eta adopzioetan baimen berdinak, besterenezinak (intransferibleak) eta %100 ordainduak eskatzen ditu. Gaur egun aitek hamabost eguneko baimena dute. Amatasun baja hemezortzi astera luza daiteke: sei aste amak hartu behar ditu derrigor, hamar aste amaren ordez aitak har ditzake, eta beste bi aste edoskitzeari dagozkio. PPIINAk bi arrazoi nagusi ditu eskaerok egiteko. Batetik, emakumeek dituzten eskubide berak nahi dituzte gizonentzat. Bestetik, ardura banaketaren alde egin nahi dute, eta umearen etorrerarekin hain justu, bikote harreman berdinzaleenetan ere balantza kolokan jartzen da. Emakumeek, haurrak izateko garaian daudenean, kontratatuak izateko eta lantokian mailaz igotzeko oztopoak edukitzen dituzte. Iraupen bereko baimenak izanez gero, ez litzateke kontratazioetan eta promozioan diskriminatzeko halako aukerarik egongo. Ama errazago moldatuko litzateke lan merkatuan, aitek zaintzan hartuko lukete parte, eta plataformako kide José Carlos Santamaríak esan digunez "jaiotze tasak gora egingo luke".
Aitaren eta amaren baimenak berdintzea eskatzen du Santamaríak, baina esan diogu gaur egun bereak dituen hamabost egunez gain, amak utz diezazkiokeen hamar asteak hor daudela, eta aitak ia inoiz ez dituela hartzen. "Baimena batak besteari utzi ahal izatea patriarkatuaren tranpa da. Irudi aldetik ondo dago, baina praktikan ez du ezertarako balio. Amak aitari hainbat astez baimena uzteko aukera dagoen inongo herrialdetan ez du funtzionatzen, hau da, amek hartzen dute. Espainiako Estatuan aiten ehuneko bik ere ez du hartzen amak utzitako baimena". Bestalde, Santamaríari zentzugabekeria demokratikoa iruditzen zaio eskubide bat pertsona batek besteari pasa ahal izatea, konstituzioaren aurkakoa ere izan daiteke.
Aitak, hasierako hamabost egunez gain, amak utzi diezazkiokeen baimen egunak ez ditu hartzen. Zergatik? Plataformako kideak bere iritzia eman digu. Batetik, aitak badaki emakumeak baimenak hartzen dituenean haren lan ibilbidea izorratzen duela, eta aitak ez du horrelakorik nahi berarentzat. Bestetik, patriarkatua ideologia oso indartsua da eta emakume askori ez zaio gustatzen bere baimen zatia uztea. Baimen sistema gaizki diseinatuta dago eta aitak eta amak lehian jartzen ditu.
Islandia da munduan gizonentzat eta emakumeentzat gurasotasun baimen berdinzaleenak dituen herrialdea. 2000. urteko erreformari esker, bai aitak eta bai amak, bakoitzak hiru hilabeteko baimen besterenezina (intransferiblea) zuten. Beste hiru hilabete besterengarriak (transferibleak) ziren. Islandiako gizonak ez dira bereziak, erreforma egin aurretik haiek ere baimen besterenezinak eta ondo ordaindutakoak baino ez zituzten hartzen, ondo ordainduta ez zeudenak ez zituzten nahi, ezta amak har zitzakeen egunak ere, nahiz eta ondo ordainduta egon. Gaur egun 4-4-3 da sistema, lau amak, lau aitak eta lau nahi duenak. Gizonen %90 inguruk dagozkion lau hilabeteak hartzen ditu, eta besterengarriak diren hiru hilabeteren heren bat. Aurreikuspenak betetzen badira, 2016an 5-5-2 izango da proportzioa. Zifretan garbi ikusten da baimen ereduaren ibilbidea: 3-3-3 zenean, amak 6 eta aitak 3 zen emaitza; 4-4-3 sisteman, amak 7, aitak 4, eta joerak mantentzen badira 5-5-2 ereduan amak 7, aitak 5 lortuko da. Ia berdintzera iritsiko lirateke.
Espainiako Legebiltzarrean aurkeztuta dago PPIINAren ez legezko proposamena, baimen besterenezinak eta berdinak eskatzeko. Bi talde politiko handiei, PSOEri eta PPri, ondo iruditzen zaie plataformaren eskaria, baina lege bihurtu eta Islandia moduan pausoak emateko baldintza bat jarri dute: egoera ekonomikoa hobetzen denean hartuko dituzte neurriak. Santamaríaren ustez, arrazoi ekonomikoak aitzakiak dira. Ez da neurri garestia (aitaren baimena astebete luzatzea 200 milioi euro litzateke) eta onurak asko dira: jaiotze tasan eragingo luke; familia eredu berriak bultzatuko lirateke; emakumeek errazago iraungo lukete lan merkatuan.
Aitak zaintzen hastea, aldaketaren hasiera
Oraindik badira umea pediatrarengana laguntzen dutenean autoa tailerrera eramatera doazela esaten duten aitak. Santamaríak horrelako adibideak behin baino gehiagotan entzun ditu: "Baimena luzatzea lortuko bagenu ere ez litzateke denbora askorako, baina aitok bide horri segi beharko genioke, eta bide hori ez litzateke izango gure aitek egin dutena (edo egin ez dutena). Baimenak gizonoi pentsaera aldatzen lagunduko liguke. Aitok zaintzen hastea da aldaketaren hasiera". Santamaríari arraroa egiten zaio haurrak maitatzea, baina ez zaintzea. | news |
argia-b95f9871cd3a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/emile-larre-euskal-kulturaren-sustatzailea-hil-da.html | Emile Larre euskal kulturaren sustatzailea hil da | Onintza Irureta Azkune | 2015-06-07 00:00:00 | Emile Larre euskal kulturaren sustatzailea hil da
2015eko maiatzaren 30ean hil zen Kanbon 89 urte zituela. Apaiza, kazetaria eta idazlea izan zen.
1969. urtean Herria astekariko zuzendari izendatu zuten eta 33 urtez aritu zen kargu horretan. Astekaria baino lehenagoko garaietan Sokorri goitizenarekin sinatzen zuen Gazte aldizkarian. Euskal Liturgian eta eliz testuetan itzulpenak egiten aritu zen. Belokeko monasterioan elkartu zen taldeko kidea izan zen eta liturgia latinetik euskarara itzultzeko lanetan aritu zen.
1967an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1975ean euskaltzain. Aiherar euskal idazle batzuen goresmenez izeneko sarrera hitzaldia egin zuen. 2006az geroztik euskaltzain emeritua zen. Euskaltzaindian herri literatura landu zuen batik bat eta Herri Literatura batzordeko kidea izan zen.
Haurtzaroan bertso girorik bizi ez bazuen ere bertsozale sutsu bihurtu zen Teodoro Hernandorenaren eskutik. Herria astekarian lanean hasi zenean Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteei bertso idatziak bidaltzeko bidea ireki zien. Epaimahaikide izan zen zenbait alditan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Bertso jarriak idazten zituen. Bertsularien Lagunak Elkarteko kide zen.
Hainbat bertsolariren lanak bildu zituen Larrek, hala nola, Ernest Alkatenak, Jean Pierre Mendibururenak, Joanes Arrosagarairenak eta Xanpunenak.
1990ean Argia Saria jaso zuen, ordurako euskal kulturan egina zuen ibilbideagatik. | news |
argia-7d32e77400bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/san-bizente-ikastola.html | Irakasle eta ikasleak notarik gabe elkarrekin ebaluatzen | Amaia Ugalde | 2015-06-07 00:00:00 | Irakasle eta ikasleak notarik gabe elkarrekin ebaluatzen
Ohiko azterketen eta noten ordez, irakasle eta ikasleak elkarrekin ebaluatzen ikasten ari dira San Bizenten, aurtengo Araba Euskaraz antolatu duen Oiongo ikastolan. Ikasleak ardurak hartzen ari dira ikaskuntza prozesuan, eta irakasleek norabide berean egiten dute arraun.
Ikasgaia irakurri, irakasleari entzun, talde-lanak aurkeztu, azterketa egin eta nota bat jaso. Ikaskuntza prozesua horrelakoa izan ohi da. Ikasleen ezagutzak zelanbait kalifikatu egiten dira, baina edukiak eta gaitasunak benetan barneratzen ote dituzte ikasleek? Ebaluazioak zertan lagun dezake ikaskuntza prozesua hobetzen? Oiongo San Bizente ikastolan ebaluazio hezigarria lantzen ari dira, ebaluazioan oinarritutako ikaskuntza. Iraultza handia izan da ikastolarentzat, eta pozik daude emaitzekin: irakasleek ebaluazio irizpideak adostea lortu dute; ikasleek berriz, ikaskuntza prozesuan ardurak hartu dituzte. Kontzienteago dira, ikasgelara zertara doazen, bai irakasleak, bai ikasleak.
Duela hiru urte hasi zuten egitasmo berezia San Bizenten. Lan egiteko modua erabat aldatu dutela azaldu du Gema Berzal ikastolako zuzendariak: "Argia eman digu honek. Lan handia dago egiteko, baina bagabiltza". Formazio saioak egiten dituzte klaustroan, Maria Galdeano Ikastolen Elkarteko Ebaluazio eta Hobekuntza arduradunaren laguntzaz. Galdeanok azaldu duenez, irakasleen galdera gakoak aldatu dira: "Zer irakatsi behar dut?" galdera egitetik, "zer ikasi behar dute eta zertarako?" galdera egitera pasa dira, fokua irakaskuntzatik ikaskuntzara aldatuta. Oiongo ikastolan eta Euskal Herriko beste hiru ikastolatan dabiltza ebaluazioan oinarritutako praktika hauek garatzen.
Ebaluazioa ikas-prozesuan integratzen
Maria Galdeanoren hitzetan, "edozein irakats-ikaskuntza egoeratan hiru prozesu argi izatea klabea da ikaskuntza hobetu nahi baldin badugu". Hiru prozesu horien kontzientzia izan behar dute irakasle zein ikasleek: Ikaskuntzan non dago/nago?; nora joan behar du/dut?; eta zein da biderik onena ailegatzeko?. Galdera horietan oinarrituta, bost estrategia ari dira lantzen: helburuak eta arrakasta irizpideak argitzea eta partekatzea; eztabaida eta jarduera eraginkorrak sortzea ikaskuntza ebidentziak lortzeko; feedback eraginkorra eskaintzea, ikasleek elkarrekikoirakaskuntza baliabide izateko; eta ikaslea norbere ikaskuntzaren jabe izateko praktikak sustatzea.
Helburuak finkatzea. Hori da irakasleek egin beharreko lehen lana. Klaustroan erabaki bateratuak hartu behar dituzte, xede zehatz eta argiak jartzeko. Orain arte hizkuntza alorreko ikasgaiekin egin dute proba, eta datorren ikasturtean matematikekin hastekotan dira. Batez ere Lehen Hezkuntzan aplikatu dute. Ikasleek ikasiko dutena eta garatuko dituzten gaitasunak definitzea da kontua, eta gero ikasleei helburu horien berri ematea. Ikaskuntza prozesuan, ikasle eta irakasleek argi izango dute zer gaitasun landuko diren, eta ebaluazioan ere elkarrekin egongo dira. Ikasleek euren burua ebaluatzeko eta hobekuntzak nola egin erabakitzeko aukera izango dute.
Ikaskideak baliabide
Galdeanok azaldu duenez, ikaskideen arteko lana garrantzitsua da: "Irakasleekin baino gehiago ikas dezakete euren ikaskideekin, eta gainera, zailtasunak dituzten ikasleek bezainbeste ikasten dute zailtasunik ez dutenek ere". Ikaskideak eurak, ikasteko baliabide bihurtzen dira eta lan kooperatiboak sustatzen dira.
Ikasleen autoebaluazioa
Irakasleek klaustroan adostu dutenez, ikasleek ere badakite zein den euren ikaskuntza prozesuaren helburua, eta zer arrakasta irizpide diren klabeak helburua lortzeko. Orduan, irakasleek eskainitako tresnekin autoebaluazioa egiten dute, eta gai dira helburuak lortzeko irizpideekin zailtasunak izan dituzten ala ez identifikatzeko. Ebaluazio horretan laguntzeko, irakasleek jardueran ikusitako ebidentzia positiboak eta hobetu ahal direnak azaltzen dizkiete ikasleei. Ondo egindako aspektuak azpimarratzen dituzte, eta hobetu daitezkeen kontuak identifikatu eta zelan hobetu ditzaketen adierazi. Ebidentzia edo froga horiek zeintzuk diren jakinda, ikasleek jarduerak hobetzeko aukera dute. Noten bidez funtzionatu beharrean, iruzkinen bidez egiten dute ebaluazioa. Azterketa hitza bera ez erabiltzeko asmoa dutela azaldu du ikastolako zuzendariak. Galdeano formatzaileak ere hori nabarmendu du: "Irakasleek diote ez dutela azterketen beharrik; ikasleak ebaluatzeko nahikoa ebidentzia jasotzen dituzte bestela ere. Azken batean, notaren atzean zer egon beharko litzateke, amaierako proba batean lortutako emaitza ala prozesu guztiaren garapena?". Orain arteko sistemarekin, ikasleak ebaluatu beharrean kalifikatu egin dira: "Kalifikatu, sailkatu, egiten dira, eta hori ezin da izan ebaluatzeko modua derrigorrezko hezkuntzan, ez baitu ikaskuntzaren hobekuntzarako aukerarik ematen".
San Bizenten ezin da eskua altxatu
Irakasleak gelakideei zerbait galdetu, eta dakienak eskua altxatu. Ikasgeletan oso errotuta dagoen ohitura da eskua altxatzea. San Bizenten, bada, ohiturak aldatu nahi dituzte: ezin da eskurik altxatu. Galdeanoren berbetan, "irakasleek zoriz aukeratzen dute nork erantzungo duen, baina ez ditugu erantzun zuzenak bakarrik entzun gura, ikasle guztien erantzunak entzun nahi ditugu, egokiak eta okerrak". Gelako ikaskide guztiak inplikatzea bermatu gura dute horrela, eta bide batez, ikasleek edukiak ondo ulertu dituztela ziurtatzea.
Ikastola barruko hobekuntzak
Oiongo ikastolan beste urtebetez edukiko dute ebaluazioa ardatz duen formazioa. Lanketaren parte, eta euren lana ebaluatu eta zer hobetu jakiteko, behaketak egiten dituzte ikasgeletan, bi behaketa ikasturteko. Ikaskuntza ibilaldiak deitzen diete behaketa horiei.
Ebaluazioan oinarritutako proiektuarekin hasi zirenetik, aldaketak igarri dituzte. "Ikasgeletako giroa aldatu egin da, baita ikasleen rola ere, erabat", dio Galdeanok. Orain, ikasleek euren ikaskuntza prozesuaren kontzientzia handiagoa dute eta prozesu horren ardura hartzen ari dira. Irakasleak ere pozik daude esperientziarekin: "Filosofia bateratu batetik, nahi dugunera joan gaitezkeela ikusi dugu", adierazi du Berzalek. Oiongo ikastolako zuzendariaren hitzetan, Ebaluazio Diagnostikoan ikasleen emaitzak nabarmen hobetu dira.
Horrela lan eginda, ikaskuntza prozesua hobetu dutela ziur dira Oiongo irakasleak, eta ikasleen autonomian aurrerapausoak lortu dituzte. Galderak erantzuten ikasten ari dira, batez ere gako diren galdera bi: "Zer ikasiko dugu?" eta "zelan dakigu ikasi dugula?". | news |
argia-194d450438a4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/castor-zor-ustela-gaur-1350-milioi-2044ra-arte-4730.html | Castor zor ustela: gaur 1.350 milioi, 2044ra arte 4.730 | Pello Zubiria Kamino | 2015-06-07 00:00:00 | Castor zor ustela: gaur 1.350 milioi, 2044ra arte 4.730
Futbolariekin akaso bai baina Castor gas biltegiarekin negozio txarra egin duenik ezingo dio inork aurpegiratu Florentino Perezi. Espainia gasez hornitzeko azpiegitura bikaina izan behar zuena antolatu, Estatua sartu inbertsioan eta alferrikako gastua dela ikusitakoan kalte-ordain galantak kobratu. Zor publiko handiak lapurretaz egiten dira.
Europako Arartekoak ikertu behar du zer gertatu den Tarragona eta Castellóko uretan, Ebro ibaiaren deltaren parean, Castor gas hobiarekin Espainiako Estatuak bereganatu duen zor erraldoiarekin.
Berdeen taldeko Ernest Urtasun europarlamentariak defenditurik, Europako Legebiltzarrak maiatzaren 3an gehiengoz onartutako erabakiak dio: "Eskatzen diegu Europako Batzordeari eta Europako Inbertsioetarako Bankuari neurriak hartu ditzatela Espainiako herritarrek pagatu behar izan ez ditzaten 1.300 milioiko kalte ordainak, defizit publikoa handituta edo energiaren prezioak garestituz, penagarri ebaluatutako proiektu batengatik".
Real Madrideko presidente izateak munduan ospetsu bilakatu duen Florentino Perez eta bere ACS eraikuntza eta energiako korporazioa dira iruzur handi honen protagonista nagusiak. Legez ondo apaindutakoa, bai, baina gertutik erreparatuz gero iruzurra.
%66,6an ACSrena den Escal UGS konpainiari 2014ko urriaren 3an 1.350 milioi euroko kalte-ordainak aitortu zizkion Madrilgo gobernuak, ministro zelarik Jose Manuel Soria. Hilabete eta hamar egun beranduago, Escal UGSk kobratu zituen sosak eta... aio, Pelaio! .
Asko dira 1.350 milioi euro –antzinako 225.000 milioi pezeta inguru– ezertarako balio ez duen obra baten kalte-ordaintzat. Baina herritarren zergekin 2044a arte luzatuko den ordain epean, interesak kontatuz, 4.700 milioi bihurtuko dira, gaiaren inguruan adituen kalkuluetan. Dirutza itzel hau zergekin eta energiaren fakturetako propinarekin pagatuko dute herritarrek.
Orain Castor izenez deitua urte luzez Amposta deitzen zen, bertatik petrolioa ateratzen zuten garaietan, Ebro ibaiaren delta aurrean. Espainiaren erregai kontsumoa bermatzeko primerako azpiegitura izatekoa zen. Itsas hondoaren azpian, 1.800 metroko sakoneran, bertatik hustutako petrolioak utzi lekuan 1.300 milioi metro kubiko gas metatu ahal izango zen, urrutietatik ekarririk, gero hemendik Mediterraneoko kostaldean banatzeko.
Hasi ere hasi ziren gasa injektatzen zorupean, harik eta inguruetan lurrikarak gertatu artean. Hasieran katastrofisten beldurrak omen zirenak, azkenerako zientzialariek berretsi zituzten: Castor hobia gasez bete ahala ugaritzen ziren lurrikarak. Ehunka lurrikara –700– egun gutxitan, batzuk Richter eskalan 4,7 gradukoak, sismologoen esanetan horrelako fenomenorik kasik ezagutzen ez den lurretan.
Hiru erreaktore nuklear daude Castor ren inguruko 100 kilometroen barruan. Gehi Tarragonako petrokimika usina handiak. Ahaztu gabe turistaz mukuru betetako hondartza eta hiriak. Azkenerako, bertan behera geratu zen Castor operazioa.
Dardarak amaiturik aferaz ahaztu ziren herritar gehienak. Ez ordea Escal UGS eta Florentinoren ACS. Europak estrategikotzat jotako inbertsio batean sartzeko berme handiak eskatu zituztenez, horiek exekutatu dituzte: negozioa ondo baldin badoa etekinak, eta negozioa edozer dela ere eten egin behar baldin bada, kalte-ordainak. 1.350 milioi. Dardarka jartzeko moduko zor publiko berri bat bereganatu dute herritarrek.
'Project bonds": zorpetze berria
Castor rek ezkutatzen duen eskandalua salatu du Counter Balance - Challenging Public Investment Banks (Kontrapisua, inbertsio banku publikoei hortzak erakutsi) koalizioa. Zor publikoaren mekanika aztertzen duen taldearen kideen artean dago Kataluniako Globalizazioaren garaiko Zorraren Behatokia (ODG katalanezko sigletan).
Counter Balancek erakutsi du Castor rena dela finantzen krisi garaian inbertsioak egiteko Europar Batasunak asmatu duen ildo berriaren lehen adibide eta lehen porrota. Lehentasunezko inbertsio estrategikoetarako bankuetatik nekez lortzen denez dirua, proiektuak bonu jaulkipenez finantzatzen dira, zor publikoa jaulkiz. "Kiebran sartuz gero, aginte publikoei dagokie inbertsiogile pribatuek hartutako arriskuak amortizatzea. Adibide espainiarrak [ Castor ] atzean gordetzen du finantza europarren mekanismo eskandaluzko bat".
Lisboako 2007ko Itunak dio "energiazko horniduraren segurtasuna" dela Europar Batasunak energiaren alorrean dauzkan helburuetan bigarrena. Europa atzerriko inportazioen oso menpe bizi da: kontsumitzen duen gasaren %60 eta petrolioaren %80. Atzerritiko horniduraren etenak arrisku handia dira Europarentzako. Horregatik lehenetsi du erregai fosilak metatzeko hobi eta biltegiak antolatzea.
Castor izan da Europar Batasunak project bonds sistemarekin sortzen lehena. Europak berriro hazkunde sendo batera itzuli nahi du autopistak, trenbideak, energi sare eta gas hodiak, sare digitalak eta abar eraikiz, baina aldi berean administrazio publikoen aurrekontuetan austeritateari heltzen jarraitzea erabaki duenez, azpiegitura handiak finantzatzeko inbertsiogile pribatuetara jotzen du (pentsio funtsak, inbertsio funtsak, aseguruak...) obligazioak jaulkiz. Hots, uko eginez estatuen diru sarrera berriak sortzeari –zergak barkatuz aberatsei eta korporazioei– epe luzerako zor publiko handiagoetan murgilduz.
Horri gehitu behar zaio proiektuen bideragarritasuna bermatu behar duten adituen utzikeria batzuetan eta ustelkeria beste askotan. Politikatik enpresarako eta alderantzizko bidean revolving doors ate birakarietan espezialista direnen esku dago sarri proiektuon ebaluazioa.
Castor rez ari garela, hedabide handiek proiektua jendeari saldu ostean, hobiak lurrikarak ekar zitzakeela ziotenei iseka eginda, promotoreak saiatu ziren Banco Santander sartzen operazioan. Honek uko egin zion, oharturik inbertsioa pagatzeko etekinik ez zutela izango. Orduan promotore pribatu eta publikoek Europako Inbertsioetarako Banku publikora jo zuten. Honen 500 milioi euroko maileguaren bermea lorturik, 2013ko uztailean jaulki zituzten inbertsiogileen merkatura bono edo obligazioak, azkenerako 1.400 milioi saltzea lortuz, %60 pentsio funts, inbertsiogile eta aseguru korporazioei.
1.300 milioi metro kubiko gas metatu behar zituen hobi erraldoian lehen 100 metro kubikoak sartu orduko hasi ziren lurrikarak. Lanak geldiarazi zituzten 2014ko urrian. Fitch eta Standard & Poor's agentziek project bond famatuak junk bond izendatu zituzten, zabor, deusen baliorik gabeko.
Espainiako Estatuko herritarren seme-alabek Castor ren gas hornidura bermatuaren ordez zor erraldoia edukiko dute. 2044a arte ordaintzekoa... alferrikako AHT, autopista, errauskailu, aireportu eta abar luzearekin batera. | news |
argia-b76615752fac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/poesia-kaiera.html | Fingidorea eta gero | Igor Estankona | 2015-06-07 00:00:00 | Fingidorea eta gero
Sophia de Mello
Susa, 2015
Itzulpena: Iñigo Roque
Edo egiaren bila maskaren bitartez etengabe ari den norbait, Sophia de Mello (Porto, 1919-Lisboa, 2004), Camões saria 1999an, esteta hutsa, Munduko Poesia Kaieren koordinatzaile Beñat Sarasolak gaztigatzen digu: "De Melloren poema ugarik dute halako kutsu transzendentala. Epifania bat azaleratzen dute, hau da, munduaren supituko errebelazioa, eta gisa horretan lortzen da ailegatzea munduaren zerizan funtsezkoenera. (…) Izan ere, Emily Dickinsonek bezalatsu, De Mellok ez zuen bazter urrunetan bilatzen munduaren zerizana, ezpada arra eskas batzuetara".
Goi jatorriko Sophia de Mello Breyner Andresen bizkorrari hiru urterekin neskameak errezitatu ei zion A Nau Catrineta , eta erromantzea buruz ikasi zuen, eta hortik beharbada hasi zen eraikitzen eite iraunkor eta musikaltasun tradizionaleko bere obra zabala. Berak esana da, obsesioa zuela hitz bakoitza izatea beharrezko poeman zeina poema egin eta gero hustearen teoriaren kontra baitoan: de Mellok ez du alferrik idazten hitz bat; berba hori beharrezkoa bada ekarriko du poemara. "Hitzak ezin dira adornua izan, ez dute izan behar denbora irabaztea endekasilaboa burutzeko".
Sophia de Mellok aukeratzen du beraz hitz hau eta ez hori, ematen dio bere poesiari tonu zehatz hau eta ez beste bat. Horregatik kaiera hau irakurtzea da Yourcenar irakurtzea, edo Juana Inés de la Cruz, betirako irudiak dakartzalako: "Lorategi, lorategi galdua/ Ene zango-besoek inguratzen dute zure absentzia.../ Hostoek batak besteari esaten diote zure sekretua,/ Eta ene maitasuna isilekoa da nola den izua". Orain Grezia orain japoniar gustuko elipsi eta sotiltasunak, idazleak esan barik uzten duena da irakurlearen barruan dardara egiten duen hori, hain zuzen. Sinestunek irakurtzen duten bezala testu sakratu bat, hala sartu naiz ni bere fedez idatzitako poesia laiko honetan, non kontraste polita egiten baituten hitzen izariak eta esanahiaren errealismo itzelak: "Nahiz hondakinak eta herioa diren/ Beti ilusio guztien amaia,/ Ene ametsen indarra denez indartsuen,/ Orotatik birsortzen da goretsi-nahia/ Eta ene eskuak ez daude sekula hutsik". Arean naif suerta daiteke gai historiko sozialetara egiten duenean – Erbestea, Lorcaren hilobia… – baina hitzen aukeraketagatik bakarrik, kolore eta freskotasun klasikoagatik baino ez bada ere, merezi du tarte bat egin eta de Melloren munduetan galtzea. | news |
argia-7c0cd1de5c4b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/garonako-zentral-nuklearra-2016an-martxan-jartzetik-hurbil.html | Garo�ako zentral nuklearra 2016an martxan jartzetik hurbil | Joxerra Aizpurua | 2015-06-07 00:00:00 | Garo�ako zentral nuklearra 2016an martxan jartzetik hurbil
Espainiako Industria Ministerioak maiatzean argitara emandako 2015-2020rako sektore elektrikoaren planifikazioaren ingurumen jasangarritasuna txostenean aurreikusten da Garoñako zentral nuklearra 2016an energia elektrikoa produzitzen hasiko dela. Ministerioak baimena emanda omen du 2031 arte zentralak funtziona dezan.
Erabaki horrek ez du esan nahi automatikoki zentrala zabalduko denik, baina horren aldeko jarrera politiko garbia adierazten du. Oraindik bi aldagai argitu behar dira. Batetik, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak oniritzia eman behar du, eta baliteke horretarako inbertsio berriak eskatzea zentralaren jabeei. Bestetik, zentralaren jabeen, hots, Iberdrola eta Endesaren borondatea dago. Erabakia hartze aldera, bi faktore aztertuko dituzte: errentagarritasun ekonomikoa eta gizartearen presioa.
Hori guztia kontuan hartuta, esan daiteke gauzatzear dagoela zentral nuklearren produkzio aldia 40 urtetik 60 urterako zabalpena. | news |
argia-196319b3dbb5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/alternatiben-herrixka-donostian.html | Bide bizia, bizia bide | Lander Arretxea | 2015-06-07 00:00:00 | Bide bizia, bizia bide
Donostiatik igaroko da Europan Klimaren krisia gainditzeko borroken ikur bilakatu den Bizi! mugimenduak antolatutako Alternatiba itzulia. Ekainaren 5ean. Aukera baliatuta, alternatiba sozio-ekonomikoak bilduko dituen ekimena antolatu dute, festa giroan, bestelako bideak badirela ikusarazi eta elkarlana sustatzeko.
Klimaren aldaketaren arriskuez eta hori eragozteko alternatibez herritarrak ohartarazteko mobilizazio zabala antolatu da Bizi! mugimenduaren inguruan, Europan gutxitan ikusten den bezalakoa. Aurtengo ekimen nagusia tamden bidez Baionatik Parisera bidea egingo duen Alternatiba Itzulia da. Ekainaren 5ean Donostiatik da igarotzekoa, eta horren aitzakian, Alternatiben herrixka antolatu dute Gipuzkoako hiriburuan. Hurrengo egunean izango da ekimena, ekainaren 6an, larunbatez. Bizitza erdigunean kokatzen duten proiektuen topagune izateko bokazioa du. Antigua auzoko Matia kalea ardatz hartuta, egun bakarrean makina bat hitzaldi eta jarduera egingo dituzte. Denera Donostialdeko 50 eragilek hartuko dute parte.
50 eragile horien artean, bakoitzak bere erritmoan eta ahal duen neurrian egingo du ekarpena. Batzuk egunean bertan soilik hartuko dute parte, eta beste zenbait aspaldi ari dira lanean larunbatekoa festa eta aldarrikapen egun handia izan dadin. Antolaketaren ardura nagusia Saretuz izeneko Donostiako kontsumo kontziente eta eraldatzaileko sareak hartu du. Bertako kide da Maider Sagredo Eskudero, eta Alternatiben Herrixkak hiru helburu jakini erantzuten diela dio: egoera klimatiko larriaren mezua zabaltzea, trantsizio sozial eta ekonomikorako deia egitea, eta Donostialdeko alternatibak ikusaraztea. Bestalde, aldarrikapena eta festa bateragarriak direla azpimarratzen du: "Gaia serioa izateak ez du esan nahi ongi pasa ezin dugunik. Jai giroan elkartu eta gozatu egin nahi dugu". Ez du uste, gainera, egun isolatu bakarreko ekimena izango denik: "Eragileon eta pertsonon artean sinergiak ari dira sortzen, eta horrek etorkizunean elkarlanean jarraitzeko aukera emango digu".
Bertako produktuak mahai-inguru artean
Matia kaleak zeharkatzen dituen plazak eta Txantxarreka Gaztetxea izango dira gune nagusiak, egitarau oparoarekin: alternatiben azoka, kale-animazioa, artisau azoka, haurrentzako jolasak, tailerrak, erakusketak, dokumentalen emanaldiak… Mahai-inguruek ere izango dute beren tartea. Goizaldera elikadura burujabetza izango dute mintzagai, eta bazkalaurretik "jaiak eta jasangarritasuna", EHZ, Donostiako Piratak, Gora Iruñea eta Eguzkizale konpartsako kideen parte-hartzearekin. Bazkaldu Antiguako Frontoian egingo dute. Ez edonola, gainera: Alternatiben Herrixkaren balioei jarraiki garaiko eta bertako produktuekin osatutakoa menua dastatuko dute. Hori bera da, izan ere, larunbatean frogatu nahi dutena: egunerokoan egiten ditugun gauza gehienak modu jasangarriago batean egin daitezkeela. "Zer eraginkorragorik hori erakusteko egunero gutxienez hirutan egiten ditugun otorduak baino?"
Ekonomia sozial eraldatzailea ere bada alternatiba
Alternatiben Herrixkaren ardatz nagusietakoa klimarekiko ardura bada ere, parte hartuko duten eragileek ez dute naturarekiko harremana soilik lantzen. Alternatibaren kontzeptuari zentzu zabalenean heldu diote, merkatuaren aldean, pertsonak erdigunean jartzen dituzten proiektu guztiak bilduz. Horren erakusle, arratsaldean ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan solastuko dira OlatuKoop, Fiare, Emakumeen etxea eta Emaus Gizarte Fundazioko kideak.
Emausen dabil lanean burubelarri Olaia Larruskain Mendiola, baita Alternatiben Herrixka antolatzeko lanetan ere. Dioenez, euren lan ildo nagusien artean dago "ekonomia solidarioa" esaten diotena, eta bat egiten dute Donostiako topaketaren helburuekin. "Argi adierazi nahi dugu ekonomia sozial eta solidarioa alternatiba erreala dela". Elkarlana eta proiektuak gizarteratzea ere estrategikotzat jotzen ditu Larruskainek. "Alternatibak badaude sektore gehienetan: kontsumoan, produkzioan, finantzetan, zerbitzuetan, zaintzan… Garrantzitsua da herritarrok horiek denak ezagutzea; jakitea erabaki ekonomikoekin gizartean eragin nahi badugu, badagoela non aukeratu". Alternatiben Herrixkaren gisako ekimenek horretan paper garrantzitsua dutela deritzo, "unibertsitatean, adibidez, ekonomiarekin oso gertuko lotura duten graduak ikasten dituztenek ere maiz ez baitute bestelako ekonomia eredu honen berri izaten".
Urriaren 24an Euskal Herri mailako Alternatiba Herria Bilbon
Ekainaren 6an Donostian egingo denak Donostialdeko eragile eta proiektuak bilduko ditu soilik. Hala ere, aurrerapen bat besterik ez da izango, urriaren 24an Alternatiben Herri nazionala egingo baita Bilbon, 2013an Baionan egin zenaren parekoa. "Donostian Saretuz-ek jada egina zuen bidea, eta bazegoen lanerako prest zegoen jendea ere. Horregatik erabaki genuen Bilbokoaren aurretik bertan beste bat egitea". Hala dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaileetako bat den Unai Oñederrak. Makina bat eragile eta sindikatu sozialen arteko elkarlanarekin eta proiektu parte-hartzeaile bati esker euskal gizartearen alternatiba izan nahi duen Programa Soziala osatu dute. Haiek ari dira Bilboko Alternatiben Herria antolatzeko lanetan, "eskubideak aldarrikatzeari, alternatibak sortzea gehitu behar baitzaio". Oñederraren arabera: "Beti gabiltza marginal izatetik egiazko alternatiba bihurtzeko ahaleginean. Donostiako eta Bilboko topaguneek horretarako parada emango digute". | news |
argia-b3a60a557b6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/euskararen-transmisioa.html | Gurasoek nola seme-alabek hala | Malen Aldalur | 2015-06-07 00:00:00 | Gurasoek nola seme-alabek hala
Eibarko …eta kitto! euskara elkarteak antolatutako Euskararen transmisioa mintegia egin dute maiatzaren 25ean. Gurasoek euskara zenbat eta gehiago erabili, seme-alabek orduan eta euskara maila hobea dute. Haur-gazteek zenbat eta gehiago menperatu hizkuntza, orduan eta beldur gutxiago erabiltzeko. Gurasoak euskaraz aritu ala ez aritu; emaitza ez da bera.
Gure aurrekoek honaino ekarri zuten gurdia. Orain, gure txanda da", esanda bukatu zuen Malores Etxeberria Hernaniko Udaleko euskara teknikariak. Zilegi da bukaerarekin hasiera ematea, honaino iritsi baita euskararen gurdia, eta ez alferrik. Euskararen transmisioa hezkuntzan txertatzeko ahalegin handia egin bada ere, hizlari guztiak bat zetozen hizkuntzaren transmisioan etxeak eta familiak berebiziko garrantzia dutela esatean.
Pello Jauregi EHUko Hezkuntza Zientzietan doktoreak, Etxeko eta kaleko hizkuntza erabileraren arteko loturak: Lasarte-Oriako ikerketa bat ponentzian, 2012an egindako ikerketa bateko datuak mahai gaineratu zituen; besteak beste, honako emaitzak: guraso biak euskaradunak dituzten seme-alaben hamarretik bederatzik euskara maila oso ona dute; gurasoetako bat erdalduna dutenean berriz, hamarretik sei dira euskara maila ona dutenak; eta bi gurasoak erdaldunak direnean hamarretik bi baino ez dira mintzatzen ongi euskaraz.
Batzuetan, gurasoak euskaldunak izanagatik, elkarrekin gaztelaniaz hitz egiteko joera dute, eta horrek albo kalteak sortzen ditu hizkuntza transmisioan. Horrelako adibideak aztertu dituen ikerketa baten berri eman zuen Etxeberriak Familia bidezko transmisioa: guraso euskaldunen diskurtsoa hitzaldian. Gurasoek inguruneari garrantzi handiegia ematen diotela uste du: "Etxean erdaraz egin arren kanpoan euskaraz egiten badute nahikoa dela iruditzen zaie, bereziki eremu oso euskaldunetan".
Badago alderik ezagutzetik erabiltzera. Jauregik aurkeztutako ikerketan argi ikusten da hizkuntz gaitasuna estuki lotuta dagoela erabilerarekin: zenbat eta hobeto jakin, orduan eta gehiago erabili. Izan ere, hizkuntza ondo menperatzen ez dutenek hanka sartzeko beldurragatik maiz gaztelaniaz hitz egiteko joera dute. Bertsolaritzarekin paralelismoa egin zuen Miren Artetxe bertsolari eta Euskal Filologian lizentziatuak: "Bertsolaria ez da bat-batean kantatzeko gai izango gaizki egiteari beldurra galtzen dion arte". Horretarako, Artetxeren ustez, ezinbestekoa da bertso-eskoletan sortzen den enpatia giroa. Hari horri tiraka, Etxeberriak uste du garrantzitsua dela hizkuntza menperatzen ez dutenen ahalegina baloratzea eta inguru atseginak sortzea haien hizkuntz erabilera handitzeko. Era berean, transmisioaren gakoa euskaraz dakiten gurasoek elkarrekin euskaraz egiteko hizkuntza balio modernoekin lotzea dela iritzi dio: gaurkotasunarekin eta praktikotasunarekin.
Eibarren eta Gasteizen guraso-haurrentzat egitasmoak
Gurasoak euskaraz mintzatzeak hizkuntzaren transmisioan duen pisuaz ohartuta, hainbat herritan zenbait ekimen jarri dira abian. Esaterako, Eibarko …eta kitto! euskara elkartearen Gurasoak berbeta n egitasmoa eta Gasteizko Geu euskara elkartearen Igandeak jai. Familia giroan euskaraz ekimena.
Gurasoak berbetan egitasmoaren funtsa, guraso eta seme-alabak elkarrekin euskaraz hitz egitea da. Horretarako, euskara praktikatu nahi duten gurasoekin talde txikiak osatu dituzte, gune lasai eta informalean euskaraz hitz egin ahal izateko.
Maider Aranberri …eta kitto! euskara elkarteko teknikariak dio, askotan, gurasoek umeari euskaraz hitz egiten badiote ere, elkarrekin gaztelaniaz egiteko joera dutela. Horri buelta eman nahian sortu zuten Gurasoak berbetan ekimena 2010-2011 ikasturtean.
Gaur egun, Eibarko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eskola guztiekin dute harremana, nahiz eta partaide kopurua apenas handitu den azken urteetan: "Zailtasunak ditugu guraso gehiagorengana heltzeko".
Gasteizko Geu euskara elkarteak ere antzeko helburuekin sortu du Igandeak jai. Familia giroan euskaraz ekimena. Hileko azken igande arratsaldean elkartzen dira eta haur ikuskizun bat eta jolasak egiten dituzte euskaraz. Helburua, familiak elkarrekin eta beste familia batzuekin euskaraz harremantzea da. Egitasmo honen bitartez hainbat helburu lortu nahi dituzte, hots, euskararen familia transmisioa lantzea, familia euskaldunen arteko loturak trinkotzea eta familian euskaraz gozatzea.
Eusleak hizkuntza eusten
Gurasoak ez dira euskararen transmisiorako gako bakarrak. Jauregik uste du ezinbestekoa dela familia naturaletan, hau da, eremu kolektiboetan euskararen erabilera sustatzea. Horretarako, Eusle metodologia proposatzen du. Momentuz, lantegietan bakarrik jarri da praktikan, baina beste eremu batzuetara ere zabal daiteke. Eusle metodologia aplikatzeko baldintza kide guztiek euskaraz ulertzea da. Baldintza hori beteta, lantegiko kideek adostasun kolektibo baten bidez –erdia baino gehiago ados– zilegitasuna eman behar diote euskara hutsezko jardunari. Ondoren, taldeak eusle bat edo bi –kopuru txiki bat, taldearen dimentsioaren arabera– aukeratuko du. Euslearen lana izango da uneoro eta denekin euskara hutsez aritzea adostutako denbora tartean. Eusleak taldeak aukeratutakoak direnez, beldurrik gabe eta zilegitasunez egin dezakete beti euskaraz.
Eusle hizkuntza gatazkari aurre egiteko metodologia dela uste du Jauregik. Adibidez, euskaraz ulertu arren gaztelania hutsez ari den hiztun batekin hitz egitean, normalean, elebidunak komunikazioa modu naturalean gauzatzeko gaztelaniara joko du. Metodologia honekin aldiz, eusleak nahitaez euskaraz egin beharko du, taldeak konpromiso hori atxiki diolako, eta horrela, zenbait egoeratan erdal hiztuna ere euskaraz egitera bultzatuko du.
Eusle metodologia bestelako talde uniformeetan ere aplika daiteke, lagun taldeetan edo familietan esaterako. | news |
argia-77eff3af534b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/kapitalismoari-hortzak-erakutsi.html | Kapitalismoari hortzak erakutsi | Juan Mari Arregi | 2015-06-07 00:00:00 | Kapitalismoari hortzak erakutsi
Egun hauetan alderdi guztiek aztertu dituzte hauteskundeetako emaitzak. Ekonomiaren ikuspuntutik ere azterketa egin beharra dago.
Lehenengo ondorioa: euren burua ezkerrekotzat duten Euskal Herriko indarrek 750.000 boto lortu dituzte, eskuinekoak izan daitezkeen 600.000 botoen aldean. Agian egongo dira ezkerrekoak diren pertsona ugari abstentzio aktiboa egiten, euren erreferentzia politiko ohikoak zigortu nahi izateagatik edo aurkeztu den inorekin ados ez daudelako.
Bigarren ondorioa: Horrek guztiak kapitalismoaren kontra egiteko potentzial apartekoa osatzen du eta modu egokian kudeatu beharko litzateke, ezkertiarren artean dauden ezberdintasun ideologikoak kontuan edukita. Potentzial hori beharrezkoa baita –eragile sozial, sindikal eta herrikoiekin batera– kapitalismoaren kontrako ofentsiba hasi eta jendartearen zerbitzura egongo diren politika ekonomiko eta sozialak sortzeko. Herritarrak erreskatatuko dituen ofentsiba bat behar da, deseginik dagoen ongizate estatua berregingo duena, langabezia ezabatuko duena, baita prekarietatea eta pobrezia ere. Berdintasunaren eta soldatak hobetzearen alde borrokatu behar da, pentsio duinen alde; eta etorkinen eskubideak errespetatu behar dira, jendartean bizikidetza eraikitzeko. Paradisu fiskalak ezabatu eta iruzurgileak zigortu behar dira, eta gehien dutenek –multinazionalak, banku handiak, aberatsak...– gehiago ordaintzeko fiskalitatea ezarri.
Hirugarren ondorioa: Jendarte justuago, orekatuago eta solidarioagoa eraiki nahi badugu, euren burua ezkerrekotzat eta antikapitalistatzak dutenek –hauteskunde programetan halaxe diote behintzat– horixe lehenetsi beharko lukete erabaki politikoak hartzeko orduan, beste arlo batzuetan dauden ezberdintasunak errespetatuz. Bistan da ezkerreko indarren artean ideia ezberdinak daudela, antikapitalismoaren inguruko ikuskeratik hasita. Baina oinarrian ados jarri eta kapitalismoari hortzak erakustea litzateke gure aldaketa politikoaren hasiera. Esperantza apur bat ekarriko lieke gazte langabetu, prekario, etorkin eta bazterketa soziala jasaten dutenei. | news |
argia-71637942224f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/akelarre-bat-gaur.html | Akelarre bat gaur | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-06-07 00:00:00 | Akelarre bat gaur
Bartzelonara nindoala-eta, bospasei kidek arrapaladan eta biziki agindu zidaten Sophie Calle-n erakusketa ikustera joateko. Artista kontzeptual deitu izan dute Calle eta, eremu labainetan irrist ez egiteko makulu nahiko ukaezin bati helduta, esango dut batez ere argazkigintzan ibilia dela.
Ezer gutxi nekien bere obraz eta aretoko langileek ibilbidearen planoa eskuratu zidatenean baino ez nintzen jabetu nondik zetozen nire gomendio-kideen konplizitate-irribarre haiek guztiak. Callen obra ezagun bat zegoen han, Prenez soin de vous (2007), artistari bidali zioten abandonu-email baten bueltan eraikitako pieza. Mezua jaso bezain pronto serio demonio hartu zuen Callek izenburuan doan agur-lerroa eta bere burua sano zaintzeko asmoz jarri zuen martxan makinaria sortzailea: 107 profesional andreri birbidali zien emaila, beren alorreko tresnekin jorra zezaten.
Horrelaxe, ikusleak topo egiten du minutu eta erdi inguru bideo batekin: erritmo onean eta borroka-martxak antzeratuz dantza egiten neska sendo bat, soinekoa horia eta adatsa aske, aurpegia estaliz. Topo egiten du, plazer ezin gustagarriagoz, hizkuntza-zuzentzaile baten interpretazioarekin, alegia, emailarekin berarekin, tinta gorriz goitik behera zirrimarratua. Topo egiten du, Criminal Minds-eko artega burutik ezin kendu, kriminologo baten analisiarekin, eta irakurtzen joan ahala barre txikia sortzen zaio, adituak ondorioztatzen baitu gutun-bidaltzailea (izenik gabea) ukaezinki dela berekoi kronikoa: "Ni" hitza 30 aldiz agertzen da 23 lerro eskasetan. Topo egiten du, algara betean jada, finezia-adituaren lanarekin, emaileko esaldi bakoitzaren ostean parentesi artean txertatzen baititu bere dardo apur bat esnob baina ironia ezin dotoreagokoak.
Honezkero zeharo puztuta dabil gure ikuslea, urde egolatra horren kontrako mendeku kolektiboak hordituta, ausart ematen diona buelta hitz kamutsek ezin ezkutatutako koldarkeriari. Harik eta 107. piezara iritsi arte.
Idazlea mintzo, ziurrenik andreekin baino gizonekin askoz hobeto moldatzen den horietako bat, absolutuki eta arrazoiketa sakonagorik gabe, gutxiespenik sekula onartu ez duena eta bere erabaki hutsez baino ez dituena hor beheko biloak brasildar erara mozten, hala nahi duelako eta ederragoa delako bere uste apal-baina-ezerk-baldintza-ezin-dezakeenean. Ekarpena, gutun bat Calleri: leporatzen dio artista sonatua izanda ere maite kontuei garrantzia handiegia ematea, gizon batekikoak bihurtzea bere bizitzaren erdigune, andreak oro bai baitaude gizonekin obsesionatuta, artelanaren abiapuntuak eta garapenak argi uzten dutenez. Horren erantzukizuna, errua, dena delakoa? Adi, klasikoak datoz: andreen bizkar.
Tema horren jatorriaren harira idazleak txintik ez baitio, noski. Betidanik hor egon den naturaren parte izanik oro, alu depilatuen estetikotasun berezkoa kasu, okurritu ere ez kontraesanak arakatzea: hain justu kapital kultural nahiko sendoaren jabe den batek, horren araberako maila ekonomiko oparoa ere izango duenak seguru asko, zergatik bizi du hain min haustura erromantiko bat?; susmatu ere ez akaso andre-gizonen arteko harremanetan desira-aldagaia sartzean arrasto bat narrasten direla mendekotasun-dinamikak kudeatzearen eta ahalduntzearen kontuak. Baina, batez ere, usaindu ere ez sorginen elkartasuna, ahizpek bat egiten duten akelarre garaikidea, obraren helburua ez baita huts-hutsean kuxkuxeatzea eta ez baita gutun-bidaltzailea suntsitzea, ezpada taldean elkar hartuta norbera boteretzea. | news |
argia-b183147f82ce | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/aldaketaren-motore-4-indar-eta-26-eserleku.html | Aldaketaren motore: 4 indar eta 26 eserleku | Xabier Letona | 2015-06-07 00:00:00 | Aldaketaren motore: 4 indar eta 26 eserleku
IRUÑEKO aldaketaren espaloietan ez dago besterik: plazan, eskola atarian, kontsumo taldean, Alde Zaharreko egunean… poza dariola dabil Nafarroako gehiengo instituzional berria. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari izango da, Joseba Asiron Iruñeko alkate eta Nafarroako udal garrantzitsu gehienak aldaketaren esku geratu dira. Baikorrenean ere, duela urtebete ez zegoen halako eszenatoki oparorik irudika zezakeen herritarrik.
"Txiripaz", aipatzen da Ciudadanosi parlamentaria lortzeko falta izan zaizkion 250 botoei aipu eginez. Eta ez da arrazoirik falta, baina berdin litzateke "txiripaz" errejimenaren aldekoek 300 boto gehiago lortu izan balute eta 50 botok garaipena eman izan balie. Kontua da parra zirela blokeak eta pilotak alde batera egin duela.
Baina zorteaz gain, badira arrakasta hobeto azaltzen duten hainbat klabe ere. Seguruenik, horien artean garrantzitsuena Ahal Dugu eta udaletako herri hautagaitzena da, hauek indar berri erabakigarriak ekarri dituztelako aldaketaren blokera. Beste batzuk ere badira: eskuinaren banaketa, kanpainan aldaketaren ideia era bateratuan saltzea, Geroa Baik kanpainaren zati handia Barkosengan oinarritu izana, Geroa Baik asko hobetu eta EH Bilduk bereari eutsi izana, Ahal Duguk Ezkerra (EB-Batzarre) irentsi ez izana…
Hori guztia mahaiaren gainean jarrita argi antzematen da "txiripa" gutxi dagoela hemen; areago, Nafarroan ematen ari den gizarte aldaketa da egoera berriaren oinarrian dagoena, aurreko hauteskundeetan ere apurka islatzen joan izan dena.
Eta orain zer? Alaitasunaren bor-borretik zuhurtziara egin du herritarrak. Jakitun da aurrera begira dagoen desafio gaitzaz, pluraltasuna elkarrekin kudeatzeko dagoen kultura eskasaz, NaBairen desadostasunen zirko mediatikoa begien bistan da oraindik... Eta porrotarekiko izua agertzen da orduan: "Eta lortzen ez bada?".
Horrexegatik, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren erantzukizuna egundokoa da. Itzela den bezala aldaketaren alde egiten duten mugimendu sozial eta herritarren erantzukizuna. Instituzio, alderdi eta mugimendu sozialen arteko komunikazio kanal zabal eta irekiak beharko dira esperimentuak iraun dezan, egongo diren adostasun, desadostasun eta gatazkak behar bezala blindatu eta bideratzeko.
Gaur egun inoiz baino gehiago, politikan ez da bakarrik zer, nola baino. Horregatik, sortuko den egoera berria ezin da izan ohikoa, hau da, Gobernuak egin eta herritarrek edo mugimendu sozialek txalotu edo gaitzetsi. Ez da kontua orain gobernantza esperimentu iraultzaile eta erabat berritzailea deskubritzea, baina inpresioa dut herritarrak eta alderdiak kezkatuago daudela programarekin, honi lau urtez nola eustearekin baino. Eta gobernuak iraun eta aldaketaren kultura finkatuko bada Nafarroan, beharko da berrikuntza dosi bat aldaketaren eragile guztien arteko komunikazio eta jardunean.
UXUE BARKOSEN bilera erronda amaitu da eta, entzundakoaren ondoren, orain hari dagokio esatea gobernua nola eratuko den. PSNk gobernutik kanpo egon behar duela pentsatzea erabat logikoa da. Oso garbi dago bera giltzarri izan dela UPNren aroaren biziraupenean eta, gainera, gobernu berrian egoteak berau modu desegokian baldintzatzeko giltza ematea litzateke. Ez da hori orain PSNri dagokion tokia.
Egia da, alabaina, ona litzatekeela PSNren oinarri soziala neurri batean edo bestean aldaketan integratzea, eta hori bakarrik egin daiteke PSNren bidez. Hor dago erronka: integratu haren oinarriaren ikuspegi soziala, baztertu PSNren aparatoaren zentralismoa eta boterekeria. Gobernuko sailik eraman gabe ere, haien inguruko eduki, proiektu eta pertsonak izan daitezke aldaketaren parte. Horretan asmatzen bada asko egingo da Nafarroako gizartea hobeto ordezkatzeko eta Espainian datozen hauteskunde orokorretan eman daitekeen aldaketari begira jartzeko, batez ere bake prozesuari begira.
Hori guztia oso garrantzitsua bada ere, funtsezkoena aldaketaren 26 eserlekuen arteko indarren elkar ulertzea da, gobernua teknikoki era batera ala bestera eratu. Haiek dira aldaketaren motore, bereziki Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu, eta hiru familia handi horien artean asmatzen ez badute, aldaketak porrot egingo du. Hain garbi, hain gordin. | news |
argia-259b1d7b2cf2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/galo-martinez-de-la-pera-filosofoa.html | "Euskaldunon komunitatea egin gabe dago, guk egin behar dugu" | Mikel Asurmendi | 2015-06-07 00:00:00 | "Euskaldunon komunitatea egin gabe dago, guk egin behar dugu"
Izarra, 1943. Filosofian eta medikuntzan lizentziatua. Donostian bizi da. XXVI. Becerro de Bengoa saiakera saria (Arabako Foru Aldundia) irabazi zuen iaz, Euskaldunon komunitatea, independentziatik haratago saioari esker. Bere sortzetiko lurraldean izan da saritua.
"Ideien bidea ez da bat-batekoa. Luzea da. Ideien ikuspegia aldatzen baitoa. Pentsalariari gehiago kostatzen zaio ideien berritasuna izatea literaturagileari baino. Pentsamenduaren bilakaera mantsoa da, prozesua eta aldaketa literaturarena baino mantsoago da", adierazi digu solasaldiaren abiaburuan Galo Martinez de la Pera saiogileak.
Nondik nora Euskaldunon komunitatea, independentziatik haratago saioa? Zer xedetan?
Euskaldunon pentsamendua bi poloren artean jiratzen da: politikaren eta euskararen inguruan. Ni ere ardatz horien artean mugitu naiz betidanik. Liburua ETAren borrokarekiko kritikoa nintzelako hasi nuen idazten. ETAren borrokak, eta borroka iraultzaileak oro har, bi alde izan ditu: batetik sentimendu iraultzailea, pertsonaren eta herri baten iraupen nahiari ekiteko beharrezkoa, bultzatzen eta sortzen laguntzen dioelako. Baina, bestetik eta aldi berean, sentimendu hori pertsonarentzat eta herriarentzat kaltegarria bilakatzen da, ideologia iraultzailea denboraren poderioz herriaren opioa bihurtzen da. Gurean ere horrela izan da. Sentimendu iraultzailea izugarria zen herri honentzat, baina aldi berean herriaren droga eta dogma bihurtu zen. Kontraesan hori argitzea izan dut helburu. Sentimendu iraultzailearen bidean abiatu nintzen beste eremu bat aurkitzeko. Eremu hori euskararen eremua da.
Noren laguntzaz edo zein bideetan ibili zara?
Sentimendu iraultzaileari atxikiz betiere, eremu politikotik eremu linguistikorako bidea urratu nahi izan dut. Helburua banuen, baina bidea asmatu behar nuen. Eremu berri hori aurkitzea, horixe nuen koska. Eremu politikoa begi-bistakoa da, euskaldunon hizkuntz eremua ez hain agerikoa, ordea. Bada, bertsolariak agertu ziren eta haiei esker aurkitu nuen bidea. Ni ez naiz bertsozalea, aspertu izan naute, goxo esanda. Beharbada, zaila zaidalako ulertzea. Niretzat bertsolariak betidanik izan dira... "ulertzeko" erronka. Ni oso ilustratua nintzen eta bertsoak behe-mailako espresio bezala ikusten nituen. Pentsamendua liburuen bitartez espresatzen zitzaidan. Ordea, bertsolariei esker idazkeraren auziarekin topo egin nuen. Galdera hauxe egin nion nire buruari: hauek ba al dakite idazten? Galdera horren inguruan Harvardeko teoriak agertu zitzaizkidan. Hubert Parry eta Eric Havelock aztertu nituen, besteak beste. Poliki-poliki hasi nintzen idazkerari buruz pentsatzen, baina benetan bidea ireki zidana Darwin izan zen. Ez dakit nire pentsamendua egokia den ala ez, baina nire berritasuna darwinismoari lotuta dago. Hau da, idazkeraren oinarri ebolutiboa bilatzea izan dut xede. Nire lana darwinismo berria garatzea izan da idazkeraren egitura ulertzeko. Darwinismo sozialaren antzeko zerbait garatzea, darwinismo kulturala eta historikoa, nolabait.
Eta zer aurkitu duzu?
Idazkerari buruzko teoria horren bidez saiatu naiz jaiaren ahalmena eta ezaugarriak aztertzen. Lehen esan bezala, hasieran borroka zen, sentimendu iraultzailea, eta nik sentimendu hori jaiarekin lotu beharra ikusi dut. Hori aztertzen hasi nintzen garaian borroka iraultzailea sentimendu oso sendoa zen, jende askok ikusten zuen borroka horren beharra. Jaia borroka egin ondorengo atseden unea izan da, eta ez herri baten nukleo sortzailea. Alde horiek idazkeraren bidez argitzen edo ekartzen saiatu naiz.
Zer ikusten duzu jaiaren nukleo horretan?
Jaia komunitatearekin lotuta dago. Jaia euskaldun komunitatearen nukleo sortzailea litzateke. Hori azaltzeko idazkeraren teoria ulertu behar da, horretarako idatzi dut saioa. Idazkerari buruzko bi argibide emango ditut: teoria orokorraren arabera, hasieran hitza edo mintzoa zen, eta gero idazkera agertu zen. Ikuspegi horren arabera, idazkera mintzoaren lanabesa da, hizkuntza lantzeko tresna. Hain justu ere, nik kontrakoa defendatzen dut: hasieran idazkera dago eta honen bitartez gizakion hitza agertzen da. Ikuspegi horrek zibilizazioen dogma apurtzen du, honen arabera idazkera bakarra grafikoa baita. Zibilizatuen ustez bertsolariek ez dakite idazten. Nire teoriaren arabera, berriz, idazkera hasieran ere bazegoen. Idazkera bakoitzak jendarte mota bat sorrarazten du. Idazkera akustikoak edo ahozkotasunak komunitate horizontala sortzen du eta komunitate horren nukleoa jaia da. Idazkera grafikoa boterearen idazkera da eta jendarte hierarkikoa sortzen du, estatuaren bidez sortu ere, eta horren nukleoa lana da. Euskaldunon komunitatea sortu nahi badugu, bidea eta eremua jaiarena da.
Erraza dirudi bidea azaltzeak.
Bai, baina… Beti badago bainaren bat. "Liburua amaitutakoan hasieran jakin behar nuenaz jabetu naiz", zioen Nietzschek. Bada, niri nolabait ere hori gertatu zait, bidea urratu ahala beste modu bat aurkitu nuen jaiaz adierazi nahi nuena jendeari ohartarazteko. Hau da, azaldu nahi dudan jaia gure Korrika da. Mistikoek meditazio lan luzea eta argialdia bereizten dituzte. Niri hori geratu zait. Korrikaren espiritua liburuan dago, baina hitzaldi batean jabetu nintzen jaia ulertzeko Korrika dela laburbidea. Korrikan dago jaiaren funtsezko osagaia. Korrika ekitaldia eta fenomenoa ulertzea oso erraza da: korrikan sartzean sentitzen duzuna, horixe da nik adierazi nahi dudana. Hitzetan azaltzen ez da erraza, baina jende guztiak dioenez, Korrikan sentitzen dena berezia da.
Liburuaren izenburua hizpide, XXI. mendean komunitatearen erabateko independentzia irudikatzea zaila da, hartara, "ez-dependentzia" aipatzen da orain. Zein da kontzeptu horri buruzko zure aburua?
Politikaren eremura etorrita: independentzia hitzari buruzko zalantza handiak ditut. Izan ere, mundu honetan zer da independentzia? Nik euskaldunon komunitatea indartzea nahi nuke edo hori proposatzen dut. Euskaldunok subiranotasun ahalik eta gehiena nahi dugu. Hori lortuz gero, politikan edota nazio-eremuan, independentzia handiagoa edo ez-dependentzia lortuko dugu. Hala ere, euskaldunok itxaropen guztia politikan jartzen badugu, ez dut burujabetasun handiago lortzerik ikusten. ETAren akatsa ez da soilik izan indarkerian geratu izana, gure indar eta itxaropen guztia politikan jarri nahi izatea baizik. Herri baten iraupena sakratua da komunitate batentzat, politikan jartzen baduzu itxaropen guztia, herri horrek boterearen legepeko indarkeriarekin topo egingo du beti. Politikaren legea boterearen legea da, armen edo bestelako bitartekoen bidez. Herri txikiok bereziki beste bide bat aurkitu behar dugu. Politikan jardun behar dugu noski, baina beste erara jokatu behar dugu. Alde horretatik, euskara oparia dugu. Nire ustez, euskararekiko sentimendua handia da. Bide horretatik politikaren eta nazioaren eremuan eragiteko posibilitatea ikusten dut, eta aldi berean komunitate berria sortzeko.
Euskaldunon komunitatea kanpoko komunitatearekin abegikortasuna adierazi beharra hobesten duzu.
Bi gauza: euskaldunon komunitatea egin gabe dago, guk egin behar dugu. Eta komunitate hori kanpotarrekin ere egin behar dugu, hori lortzen ez badugu, akabo. Behar-beharrezkoa zaigu. Noski, immigrazio legeak eta beste hor daude, desegokiak dira, politikaren eta politikarien jokoa dago tartean, baina guk denok biltzea lortu behar dugu. Jaiaren bidea oso egokia da horretarako, Korrikaren lengoaia alegia. Mundu guztiak ulertzen du hori, eta denok parte hartu dezakegu.
Gure esku dago ekimena ere hobesten duzu bide horretan.
Gure esku dago ekimenari sinpatia diot, ibilia naiz inguruan. Ekimena aipatzen dut liburuan, baina nazio mailan eta politikan garatzen da, Korrika aldiz ez. Korrika komunitatearen eremuan kokatzen da, ezberdina da. Espiritua bera da, baina nik politikaren eremua (Gure esku dago) eta komunitatearena (Korrika) bereizi nahi ditut.
Burujabetasuna lortzeko bidean, batzuk historiari berebiziko garrantzia ematen diote, Orreaga taldeak adibidez. Zer iritzi duzu horretaz?
Ni ez nago ildo horretan. Memoria historikoa kontuan hartu behar dugu, noski, eta behin hartuz gero, historiaurretik hasita. Baina bai euskaldunon komunitatea bai nazioa, dena egiteko dugu, egin gabe dago. Gaur egungo komunitatea egituratzeko gutxi balio digute iraganeko gertakariek. Tira, balio zaizkigu kokatzeko. Hau da, oroimen historikoak ondo doazkie estatu-nazio handiei: Ingalaterrari adibidez. Historia kultural, politiko eta militar gaitzak dituelako, baita Frantziari eta Espainiari ere. Baina gure historia eskasa da, eta gainera azken mendeetan azken bi horiekin batera egin dugu bidea, menpean, alboan edo kontran. Iragana ezagutzea beharrezkoa da, baina etorkizunari begira zerbait berria behar dugu. Esate baterako, Joseba Sarrionandia bide horretatik doa, nik uste. | news |
argia-21d7d91be453 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/periferien-periferietara-iritsi-da-aldaketa.html | Periferien periferietara iritsi da aldaketa | Asier Blas Mendoza | 2015-06-07 00:00:00 | Periferien periferietara iritsi da aldaketa
Espainian izan diren udal eta autonomia erkidegoetako hauteskundeak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu mapa politikoan nazionalismo periferikoen "periferia" diren Balear Uharteetan, Nafarroan eta Valentzian. Hiru erkidego horietan eta Galizian, bertako alderdi abertzaleek ez dute gehiengorik osatzen eta normalean oposizioan daude, horrek beraien hizkuntza eta nortasunak garatzeko izaten duen oztopoarekin. Espainiar nazionalismoak ondo daki erkidego autonomo horiek direla nazionalismo periferikoen kontrako borrokan lehenengo lubakiak. Horregatik, espainiar nazionalistek aniztasun linguistikoaren eta identitarioaren aurkako borroka bortitza egiten dute.
Lau autonomia erkidego horietan, eskuin nazionalista espainolak erregimen itxiak eraiki ditu, bere politika baztertzaileak ustelkerian eta sare klientelistetan oinarriturik. Baldintzotan kosta egiten da aldaketa politikoa lortzea eta lortu izan denean, 1991tik bi aldiz Balearretan eta behin Galizian, erregimena aldatu nahi zutenek ez dute asmatu bi legealdi jarraian egoten aldaketa kontsolidatzeko. Hiru faktorek esplikatzen dute atzerabuelta: kudeaketa alderdikoiak (alderdi bakoitza bere botere esparruaz arduratzen zen gobernuan integrazio eta proiektu komun falta nabarmen batekin); mobilizazioen gainbehera (ezinbestekoa erregimena sostengatu duten botere mediatiko, politiko eta ekonomikoei aurre egiteko: gobernuak bi aldetatik presioak baditu joko politikoan zentratu ohi da); eta erregimeneko blokea higatzeko estrategia falta.
Erregimen aldaketa gehienek, prozesua atzeraezina izan dadin, erregimeneko zenbait sektoreen parte-hartzearekin egiten dute aldaketa. Horregatik, Nafarroan gobernu berriak erregimenaren aldeko blokea higatu beharko du. Ez dago formula bakarra eta daudenen artean asmatzea ez da erraza. Aukera bat da koalizio ahalik eta zabalena osatzea: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Ezkerra. Sinesgarriagoa da ordea EH Bildu kanpoan gelditzea, udaletxe garrantzitsu gehienen gobernua kontrolatuz eta kanpotik babes kritikoa emanez. Horrela nafar gobernua zentratu egingo litzateke bi aldetako oposizio batekin: alde batean, eskuin nazionalista espainola (UPN eta PP) eta beste aldean, eskuinetik etorriko diren presio mediatiko eta politikoen aurrean orekatze lana egingo lukete EH Bilduk eta gizarte mugimenduek. Horrez gain, gobernu berriak hautesleriaren parte batean frustrazioa edota haserrea sortuko balitu, EH Bildu izan zitekeen erregimena aldatzearen aldekoen atsekabea bideratzeko hauteskunde tresna.
Hipotesiarekin jarraituz, PSN joko horretan parte hartzeko prest balego, "peaje" interesgarriak ezarri dakizkioke, adibidez Nafarroa osorako euskararen ofizialtasuna onartzea. Horrelako neurri bat ez da gauza bera Parlamentuko botoen %52arekin hartzea edo %66arekin. Atzerabuelta ezintasunerako oinarri sendo bat litzateke bi hereneko gehiengoa, bestela, oraingoan aldaketaren aldekoak 26 diren bezala, biharkoan 24 izan daitezke. Erregimen aldaketa sendotzeko komenigarria da lehenago edo beranduago bi diputatuen aldea handitzea.
Alta, badirudi PSNk ez duela nahi erregimen aldaketan parte hartu. Horrela bada, erregimena aldatzeko borondatea duten alderdien esku geratuko litzateke koalizioa osatzeko lana eta erregimenaren soziologia politikoa higatzeko lana; adibidez, integrazio maila handiko gobernu bat osatuz sentsibilitate politiko desberdinetako prestigiodun pertsona independente ugarirekin, ahal bada PSNtik gertu dagoen norbaitekin ere bai. | news |
argia-6c16a5b260be | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/ivap-habe-ega-heo.html | IVAP-HABE-EGA-HEO | Mikel Basabe | 2015-06-07 00:00:00 | IVAP-HABE-EGA-HEO
Letra-zopa horren atzean helmuga bakarra dute milaka herrikidek: euskara agiria. Berdin die, gainera, zeinetan lortzen duten: C1 maila da helburua, eta erakunde horietako edozeinetan egiaztaturik lortutako tituluak balio berbera izango du Euskal Autonomia Erkidegoan. Jaurlaritzaren baliokidetzeen taulan agertzen dira guztiak (baita gehiago ere: Osakidetzarenak, Ertzaintzarenak, Justizia Sailarenak... Horiek aipatu ere ez ditut egingo aurrerantzean). Gehienetan, urtean deialdi bi egiten dira: udazken-neguan bata, udaberri-udan bestea. Oker ez banago, Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu aipaturiko azterketa guztiak.
Kontuz, baina! IVAPen aurkeztu ahal izateko, funtzio publikoko langilea izan beharra dago. HABEren azterketa egin ahal izateko, euskaltegi homologatu bateko ikaslea izan behar da. Hizkuntz Eskola Ofizialetan azterketa egin ahal izateko bertako ikasle ofiziala izan behar du azterketariak, autonomia erkidegoan C1 ez baita libreentzat eskaintzen (Nafarroan bai, ostera: bitxia). Bakarrik EGA dago edonorentzat zabalik; urtean aukera bi daude Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko: otsailean edo irailean hasita. HABEk ere, aukera bi: maiatzean edo urrian. IVAPek ere urtean aukera bi ematen dizkie funtzio publikoko langileei. Hizkuntz Eskola Ofizialetan, ekain eta iraileko deialdiak dituzte ikasle ofizialek, batere aukerarik ez libreek (nahiz eta gainerako hizkuntzetan baduten. Eta ez dit balio EGArako aukera dutela esateak: ingelesean Advanced azterketa egiteko aukera ere badute, baina ingeleseko C1 libreentzat ere eskaintzen da).
Nire ustean, azterketen kontua txarto antolaturik dago. Titulu guztiek balio bera dutenez eta antolatzailea erakunde bera denez, deialdiak bateratu egin beharko lirateke, eta edonori eman parte hartzeko aukera, euskaltegiko ikasle izan zein ez, funtzio publikoan lan egin zein ez. Horrekin batera, deialdiak urtean zehar banatu beharko lirateke: urteko sasoi bitan metatu beharrean, euskaran C1 maila egiaztatzeko aukera hil biren behin eskaini beharko litzateke, azterketariak erabaki dezan ahalegina noiz egin gura duen, noiz datorkion hobeto, eta presio gutxiagorekin egiterik izan dezan.
Ez baita ulertzekoa deialdi gutxiago egotea Euskal Autonomia Erkidegoan euskarazko C1 maila egiaztatzeko, ingelesezko maila bera egiaztatzeko baino. | news |
argia-d079827b10e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2464/michel-gaztambide.html | "Zure irudimena kutsatu ezean, fite bihurtzen zara aspergarri" | Sustrai Colina | 2015-06-07 00:00:00 | "Zure irudimena kutsatu ezean, fite bihurtzen zara aspergarri"
"Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea...".
Frantzian, Apt-en, hasten da zure gidoia.
Hego Euskal Herritik joandako bi emigranteren semea izan arren frantsesa da ongi hitz egin dudan lehen hizkuntza. 1960ko hamarkadako frantses eskola publiko arranditsuan ikasi nuen, kultura arnastu eta edan... Frantses kulturak izugarrizko pisua du nigan. Hala, 1969an Iruñeko Eskolapioetan lur hartzea izan zen gogorra: uniformea jantzi, kredoa gogoz ikasi... "Espainola" nintzen Frantzian eta "gabatxoa" Iruñean. Ez naiz sekula nagoen tokikoa izan. Gerora, Donostiara mudatzean ere, "nafarra" deitzen zidaten. Hastapenean mingarria da, erraiak sutzen dizkizu, baina ez da talaia txarra munduari erreparatzeko. Bizi zaren jendartearekiko distantzia ematen dizu, bertakoak heltzen ez diren txokoetan kamera pausatzeko gaitasuna.
Aldea dago, alta, kamera pausatzeko txokoa ikustetik kamera atzeko lanak egitera.
Frantzian bizi ginela ikusi nuen L'Adieu aux Armes , I. Mundu Gerrari buruzko film bortitza, haur frantsesei alemaniarrak sasikumeak zirela pentsa zezaten jartzen zietena. Harrapatuta gelditu nintzenez, oinarrizko ikasketak bukatzean zinemarekin zerikusia zuen zerbait ikasteko ahalegina egin nuen. Alferrik, ordea. Inguruan ez zegoen antzeko ezer eta gurea bezalako familia xumean pentsaezina zen zinema ikastera kanpora joatea. Gogogabeturik ekin nion beste karrera bati, soldaduska egokitu zitzaidan eta poesia idatziz asetzen nuen nire sortzaile grina. Halako batean, poema bat izateko luzeegia zen pieza arraro bat sortu, film bat izan zitekeela otu, eta gidoi bat nola idazten zen arrastorik izan gabe irabazi nuen lehiaketa bat. Zoriak itzuli ninduen zine mundura, zoriak eman zidan labur pare bat egiteko aukera. Aski izan zen zuzentzen idazten baino dorpeagoa nintzela ohartzeko. Berezko ofizio bat da gidoigintza, beste ezertara ez dedikatzeko bezain eder eta konplikatua.
Zer da gidoigile on bat?
Idazle batek bezala idatzi eta zinegile baten gisan pentsatzen duen norbait. Idazten duzun orok izan behar du irudi. Horretarako, autoexigentzia itzela eta autoexigentzia horri bizirauteko gaitasuna behar dituzu. Haustea eta berriz hastea da gure egunerokoa. Esku batean sedazko izara batekin eta bestean zorroztutako aizkora batekin idazten da gidoi bat. Biak dira ezinbestekoak istorio bat iruditan ordenatzeko. Ezin zara autokonplazentzian erori, garbi ukan behar duzu pelikularen onurarako ari zarela, filma zure mesedetara jarri ordez. Ofizioak irakatsi dit segurtasuna datzala goizegi "akabo!" ez esatean, beti bila ibiltzea dela sekulakora iristeko sinesmena. Buruarekin eta eskuekin ez ezik, ipurdiarekin ere idazten dira gidoiak.
Nolakoa da gidoigilearen begirada?
Pelikulak egiten ditugunok eta filmak ikusten dituztenek eremu zabala elkarbanatzen dugu: bizitza. Hori da gure guda-zelaia. Nola islatzen den tristura? Kalean goibeldu zaituen irudia disko gogorrean grabatu eta gidoiak tristura eskatzen dizunean erabiliz. Sentimenduak eta irudiak elkarri lotuta xurgatzen dituzten belakiak gara. Horregatik da sormena jarrera bat. Noiz-zer arrantzatuko duzun ez dakizunez, beti zaude arrantzarako prest. Gure ama hilzorian zegoenean, autobusean joaten nintzaion ospitalera bisitan. Otsaila zen, eguraldi gaiztoko negu betea, eta nire aurreko 7 urteko neskatilak kristal lurrunduan K.K idatzi zuen bihotz batean barnebilduta. Neskatilaren xalotasuna, gure amaren heriotza, nire tristuraren baitako irribarrea... Sabelak buelta eman zidan, eta gauzak zer diren, urte batzuk berantago film batean sartu nuen irudia. Keinuak, hitz egiteko manerak... Beti egon behar duzu adi. Nik ez dakit bonbilla bat aldatzen edo iturria konpontzen, kasurik egiten ez diedalako haserretzen zaizkit lagunak, baina bizitzaren detaile zinematografikoak nekez eskapatzen zaizkit.
Detaile zinematografikoez ari gareno, nola sortzen da pertsonaia bat?
Arketipoetatik eta bizitzaren obserbaziotik abiatuta, istorioaren beharren arabera pertsonaia ñabarduraz janztea da gakoa. Edozein egoeraren aurrean zure pertsonaiak nola erreakzionatuko lukeen, zer sentituko eta nola jokatuko lukeen irudikatu behar duzu. Bere psikologia garatu eta zeure egin. Badira istorioaren bilakaerarako traba izan ez dadin pertsonaia gehiegi garatzen ez duten gidoilariak, baina niri pertsonaian oinarrituta idaztea gustatzen zait. Ez da kasualitatea [Enrique] Urbizuk eta biok egin ditugun lanetan protagonistek gure adina izatea. Denek dute gure zerbait, gure zeharkako arrasto bat edo beste. Alabaina, psikologia irudi bihurtzea da giltza, zer agertu eta zer gorde garbi izatea. Esaterako, trajez beztitutako gizon bat ageri bada treneko leihoaren aurka lo, eta planoak behera egitean, oin bakoitzeko behatz lodiaren parean, galtzerdietan bi zulo baditu, zer pasatzen da ikuslearen burutik? Collage lana da zinema, topikoekin jolas egitea. Gidoigileok ez gara egitura teoriko batentzat ari, zerebeloarentzat baizik. Arrazoiaren eta intuizioaren arteko orekan datza arrakasta. Zenbat eta oreka gehiago, orduan eta aukera gehiago ikusleak etxera eramango duen film sakon hori egiteko.
Arrazoitzeaz eta intuitzeaz harago, emozioak idatzi daitezke?
Emozioak transmititzen dituzten irudiak idatzi daitezke. Intuitu zenezake non egingo duen jendeak negar, noiz lehertuko den barrez, baina lan bat aurkezten duzunero zara jendearen erreakzioaren beldur. Uste zenuena gertatzen da batzuetan, baina gidoilari gehienok hartu ditugu susto eta disgustu galantak. Zure lanarengandik askatzen ez zareno, ez dakizu zehazki zer egin duzun. Horregatik da eskola bikaina zine-aretora zure pelikula ikustera joatea. Jendeak filma ikusten duen bitartean, jendearen filma ikusten dut nik. Hala ere, ez da ahaztu behar muntaia-mahaian bukatzen dela gidoia, casting txar batek gidoi on bat izorratu dezakeela, zuzendaritzak... Aldagai askok eragiten dute gidoiarengan. Horregatik diote maisuek gidoi on batekin film on zein txar bat egin daitekeela, baina gidoi txar batekin ez dagoela zereginik.
Inspirazioak ere ez omen du zereginik, lanik eta ofiziorik gabe.
Zinema egitea ekoizpen industriala da, zuzendari edo ekoiztetxe batentzat egiten duzu lan, eta zure burutaziorik txepelenak milioi bat euroko kostua du. Uste duzu hori orrialde zuriaren aurrean zigarroari zupadak emanez zer etorriko zain jartzearekin bateragarria dela? Ez diot lekurik uzten norbere burua engainatzea baizik ez den inspirazioaren mistikari. Bide horretan, deskubrimendua izan zen Giani Rodari-ren La Gramática de la Fantasía liburua.
Ordurako ohartuta nengoen nire irudimena laua bezain errepikakorra zela, eta irekidura hezten lagundu zidan. Geroztik, egitasmo berri bat hasten dudanero, argazkiekin, hitzekin, abezedarioekin edo eremu semantikoekin ariketak egiten ditut berez sortuko ez litzaizkidakeen ideiak akuilatuz. Ez dago besterik, zure irudimena kutsatu ezean, beti urratzen dituzu bide berdintsuak, fite bihurtzen zara aspergarri.
Sinesgarritasuna da aspergarri ez bihurtzeko baldintzetako bat?
Sinesgarritasuna eraiki daitekeen elementu oso teknikoa da. Kontatzen duzunak sinesgarritasuna kanporatzeko poroak behar ditu, ikusleak bere egiteko moduko benetakotasuna. Hori bai, denak ez du zertan erabat sinesgarria izan. Filmak tratu bat ixten du ikuslearekin eta, datorrena erakargarria zaiolako edo besterik gabe, ederki pasatzen ari delako, ikuslea prest dago sinesgaitza sinesteko. Uneoro zenbateko exijentzia maila duen neurtu behar du gidoilariak, non lotu behar dituen detaileak estu, noiz jokatu dezakeen lasaiago. Horregatik ez du film baterako ikerketa lanak zertan obsesiboa izan. Leprosoei buruzko pelikula bat egiteko ez duzu bi hilabetez leprosoekin bizitzera joan beharrik. Film hiper-errealista baterako ez bada, hegazkin bidaia batean ondokoa bi orduz entretenitzeko beste ikertu behar duzula dio errefrauak, ez gehiago, ez gutxiago.
Kritika beti da hiper-errealista?
Badakit kritika garrantzitsua dela, irakurtzen dut, baina errespetu gutxi diot. Nolatan jar diezaioke film berari 0,5 nota batek eta 9,5 besteak? Subjektibismoaren alardea da hori, ez kritika. Hori gutxi ez, eta lotsagarria da besteen lana komentatzeaz bizi den norbaitek beste norbaiten azken bost urteetako hil ala biziko lana komunetik behera bota ahal izatea pulpitutik jaitsi gabe. Kritika bat agertzea aski da pelikula horri buruz esan beharreko guztiak esanda daudela pentsatzeko. Ez zait serioa iruditzen. Are gehiago, egun horretako iragarkiaren tamainaren arabera kritika hori luzeagoa edo laburragoa denean, zure hedabidearen komunikazio talde bereko enpresak ekoitzi duen filma larrutu ezin duzunean... Denek ez dugu gauza bera jokoan. "Egurtzen zaituztenean kasurik ez, baina laudatzen zaituztenean ere ez!" dio gidoilari amerikar batek. Agian, sarientzako ere balio du formulak. Oso arriskutsuak dira gazte ematen badizkizute. Erabat nahastu zaitzakete, zure arrastotik desbideratu. Zorionez, nik 50 urte beteta irabazi ditut irabazi ditudanak. Bizilagunek gidoilaria nintzela baieztatzeko balio izan didate. Ordutik lasai agurtzen naute, ez naiz etxetik erosketak egitera soilik ateratzen den ustezko arma trafikatzailea.
Kritikak, sariak, beti bigarren lerroan egotea... Nolakoa da gidoilariaren egoa?
Oso berezia. Gidoigintzatik bizitzeko apustuak ego indartsua eskatzen du, baina garbi izan behar duzu besteentzat egiten duzula lan, zure lekua ez dela alfonbra gorria. Gidoilaria eta gidoilariaren estiloa ikusezinak badira, hainbat hobe. Nik badakit familia ugari bat atera behar dudala aurrera, ordaintzeko faktura mordoxka metatzen zaizkidala hilabete hondarrean, eta zorionez, ez zait lehen lerroa gustatzen. Nire hondar-aletxoa duen pelikula bat ikustera noanean bost axola zait inork nire berri ez izatea. Pentsa, gehiegi agertzen naizela iruditzen zait, ukan beharko nukeena baino ospe handiagoa dudala. Ederki nago nagoen lekuan. Fokupean bizi nahiko banu neuk egingo nituzke filmak.
Fikzioa ere ederki zegoen ETBn, baina...
ETBrentzat lan egiten nuen sasoian, mahai-bueltako programa baten aukera iradokiz gero, "telebista egin behar dugu, ez txorakeriak!" asaldatzen zitzaizkizun. Orain, miseria baizik ez dut ikusten. Bilboko egoitzak CNNrena dirudien arren, baliabideak falta dira, baina batez ere, ez dago gure indarguneak neurtzeko gaitasunik. Zergatik ez da inbertitzen sormenean eta talentuan? Arriskatzen ez deno, gero eta telebista okerragoa izango dugu, gero eta grisagoa, bere sinesgarritasuna bere izatea kolokan jarri arte higatuko duena. Bi urtez ikerketa eta kreatibitatearen aldeko apustu itsua egingo balitz, ordea, audientziek gora egingo lukete agian, beste telebistei programak saltzeko aukerak sortuko lirateke akaso... Vaya Semanita -rekin ez al zuten merkatua puskatu? Baina ez, bizitzako azken helburutzat ETBko zuzendari izatea dutenak jartzen dituzte agintzen, eta jende horrek ez du telebista bat zuzendu nahi, telebistako zuzendari izan nahi du. Ez dauka zentzurik. Talentua dutenak egunero lepoa jokatzen ari dira, eta jubilaziora arteko lanpostua ziurtatuta duten asko inolako pasio eta atxikimendurik gabe. Arriskatu behar dutenek arriskatu dezatela, behingoz. | news |
argia-f1b00a4ef7d9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/izaro-andres-musikaria.html | "Beti dago etekina atera nahi duen norbait, baina ni ez naiz produktu bat" | Lander Arretxea | 2017-02-19 00:00:00 | "Beti dago etekina atera nahi duen norbait, baina ni ez naiz produktu bat"
Hiru laguneko taldearekin oholtzara igota, IZARO da. Behean, aldiz, Izaro Andres Zelaieta (1993) abeslari eta musikari mallabiarra. Bi urte baino gehiago dira konposatutako lehen abestia (Paradise) sarera igo eta hautsak harrotu zituela. Geroztik Om diskoa kaleratu eta Euskal Herriko eszenatoki txiki, ertain zein handi mordoa zapaldu du. Distantziak ematen duen zorroztasunetik jarri gara ibilitako bideari begira. Zer geratzen da berria denak berria izateari uzten dionean?
Denbora pixka bat igaro da lehenengo abestitik, lehenengo kontzertutik, diskoa kaleratu zenuenetik. Gauza asko gertatu dira bi urte hauetan…
Egia esan, poz handiz hartu dut, sorpresa erabatekoa izan delako. Baina sorpresa horretan bizi naiz dagoeneko, errutina bat eraiki dut sorpresa horretan, eta ohitu naiz egoera berrira. Badago beldur hori ere, eferbeszentziarena. Ezin jakin hau guztia noiz arte izango den. Nik apustua egin dut astiro astiro joatekoa, baina hasitako hau luzatuz.
"Ezpainak margotu eta eszenatokira gona batekin igotzea aholkatu zidaten behin. Hor garbi ikusi nuen horrelako gauzek gazte harrapatzen bazaituzte eta babestuko zaituen ingururik gabe, suntsitu egin zaitzaketela"
Berria zena, jada ez da horren berria. Aldatu da ezer?
Gauza asko aldatu zait, baina funtsezkoenak ez. Orain beste begi batzuekin begiratzen diot bi urte hauetan gertatu den guztiari. Gozo dena pasa dut, eta musikaren mundu honek dituen alde txarrei ere begiratu nahi diet, posible den neurrian aurre egiteko. Nire buru-jan handienak orain bestelakoak dira: nola duindu eta profesionalizatu bide hau.
Lehen ez nuen uste musika lan eta bizimodu izan nezakeenik. Orain konturatu naiz baietz, benetan disfrutatzen dudala hau eginez; ordu asko eskatzen didala; formatzen jarraitu nahi dudala; nahi nukeela nire musikariekin konprometitu eta urte luzez joan aurrera… Hori guztia duintasunetik nahi dut egin, eta oso zaila da beste lan batekin uztartu behar baduzu.
Erabaki asko ere hartu behar izan dituzu. Tartean, bestelako eskaintzak izan arren, diskoa zure kabuz ateratzea lehenetsi zenuen.
Alde batetik, prozesu guztia nolakoa den ikasi nahi nuen. Enpresa batek egiten badu, ez dakizu zenbateko lana den, zer hartu behar den kontuan… Nik barruraino sartu nahi nuen lokatz horretan. Independentzia mantentzea ere oso garrantzitsua da niretzat, bai musikari moduan eta bai pertsona moduan. Ez dut inorekin zorretan egon nahi. Beti dago etekina atera nahi duen norbait, baina ni ez naiz produktu bat. Jendearengan bai, badut konfiantza, eta horregatik aukeratu nuen crowdfunding bidez finantzatzea.
Diskoaren ekoizpena bezala, kontzertuan kudeaketa ere zerorrek daramazu.
Euskal Herri mailakoak behintzat bai. Beste edozein lanengatik moduan, gurearengatik dirua eskatzeagatik ez genuke lotsatu beharrik, baina askotan hori da zailena, dirua eskatzea. Egia da musikari bezala negoziaketa hori zuk eramateak zikintzen zaituela apur bat. Beste norbaitek egiten badu zure izenean, hitz itsusi guztiak managerrarentzat dira… Saiatzen naiz, oro har jatorra izan eta ezezkoa emateko bada ere, beti erantzuten. Baina lehen aldiz gertatzen ari zait ahaztu egiten zaidala mezu batzuk erantzutea.
Horrek malgutasuna ere emango dizu, ikusi zaitugu festibaletan, gaztetxeetan, aretoetan, taberna txikietan…
Hori ere gai zaila da. Ni erosoago nago leku epel batean, ondo entzuteko aukerarekin, publikoa eserita baina ez urrunegi… Badaude hori eskaintzen duten aretoak, baina baita gaztetxe batzuk ere. Eta adibidez, festibalek normalean ez. Ez da erraza irizpide garbiak izatea. Baina normalean, joaten garen tokietara joaten garela jende pila etortzen da, eta ez dago sari hoberik. Batzuetan pentsa dezakegu, hainbeste lan… Zertarako? Merezi du? Baina heltzen gara eszenatoki gainera, jotzen dugu kontzertua eta amaitzerako, argi dugu baietz, merezi duela.
"Pasa nituen lau edo bost aste egunero kanta bat idatziz, denak gaztelaniaz. Lehenengoz sentitu nuen presio hori: 'Izaro, euskaraz ere idatzi beharko duzu, edo?'. Gero oso modu naturalean idatzi ditut euskarazkoak ere"
Aipatzekoa da taldean sortu duzuen giroa ere. Nabari da Ane Bastida, Iker Lauroba eta Oriol Flores Izaro janzten duten musikariak baino gehiago direla.
Konturatu naiz zein diferentea den gure kamerinoa farandulako talde askorekin konparatuta. Drogarik edo alkoholik ez dago gurean. Egoten gara meditatzen, txorakeriak esaten… Ez gara batere "guaiak", zentzu horretan, baina nahiago dut hala. Familia bihurtu gara, etxekoak dira niretzat. Oraintxe bertan, nire bizitzako pertsona garrantzitsuenak dira. Musikalki ere, beste dimentsio bat eman diote abestiei, nahiz eta hasieran asko kostatzen zaidan nik egindako hori beste batzuen eskuetan jartzea.
Esana duzu abestiak ia kolpetik egiten dituzula, eta ez zaizula gerora aldaketak egitea gustatzen. Behar baditu, hori utzi eta beste abesti bat sortzen omen duzu.
Niretzat, kantu bakoitza momentu jakin batean buruan dudan galdera baten erantzuna da. Moldaketa asko egin behar badizkiot, ja ez dio erantzuten momentuko galdera horri, eta hortaz, ez dit balio. Eraldatu nahi badut edo beste ikuspegi bat eman nahi badiot, beste abesti bat egiten dut, beste erantzun bat.
Sortzeko denbora gehiago izatea eskertuko lukeela dio Izarok (argazkia: Dani Blanco).
Abestiak aipatzen hasita, hizkuntzaren hautaketarena datorkit burura. Badakit hiru hizkuntzatan (ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz) zaudela eroso; baina seguru izango direla euskaraz abesti gehiago zergatik egiten ez dituzun galdetzen duten euskaldunak, eta baita euskararekin horren tematuta zergatik jarraitzen duzun ulertzen ez duten erdaldunak ere.
Ez diot hizkuntzen kontuan nire buruari mugarik jartzen. Natural egiten dut, abesti eta momentu bakoitzak eskatzen didanaren arabera. Baina egia da pasa nituela lau edo bost aste egunero kanta bat idatziz, denak gaztelaniaz. Lehenengoz sentitu nuen presio hori: "Izaro, euskaraz ere idatzi beharko duzu, edo?". Gero oso modu naturalean idatzi ditut euskarazkoak ere, baina kezka horrek balio izan zidan nire kontraesanen jabe ere izateko. Uste nuen niri ez zidala eragingo, baina pentsatu nuen: "Zer esango dute?". Jendeak oso erraz jotzen du bestea ebaluatzera, baina nik hau ez dut egiten inoren irizpideen arabera zazpikoa, zortzikoa edo hamarrekoa ateratzeko. Niretzako egiten dut hau.
"Kontzertuak lotzeko negoziaketa zuk eramateak zikintzen zaitu apur bat. Beste norbaitek egiten badu zure izenean, hitz itsusi guztiak managerrarentzat dira"
Festibal handiak, managerrak, diru kontuak, eszenatokien atzeko mundu hori guztia ezagututa, aurkitu duzu txarrerako harritu zaituen ezer?
Dena da espero nuenaren antzekoa. Baina tristatu nau uste batzuk baieztatzeak. Adibidez, ezpainak margotu eta eszenatokira gona batekin igotzea aholkatu zidaten behin. Hor garbi ikusi nuen horrelako gauzek gazte harrapatzen bazaituzte eta babestuko zaituen ingururik gabe, suntsitu egin zaitzaketela. Ez da harritzekoa oso gaztetan Disneyko izarrak bihurtzen direnek bukatzen duten moduan bukatzea.
Emakumea eta musikaria zarelako jasan behar dituzun iruzkin eta epaiak ere salatu izan dituzu.
Amorrua ematen du, noski, baina horrela da. Denetik entzutea tokatu zait: "zenbat pertsonarekin oheratuko ote zen horraino iristeko", edo "duen gorputza duelako bakarrik dago hor", adibidez. Argala bazara, argala zarelako, lodia bazara, lodia zarelako. Berdin du nolakoa zaren, eszenatoki batera bagina batekin igotzen zaren unetik bertatik zure gorputza epaitzen dute, eta horrek baldintzatzen zaitu. Nire taldekide gizonezkoei ez zaie halakorik gertatzen. Lanketa pertsonala egin dut, eta konturatu naiz ez zaidala inporta nire publikoa ez diren horiek zer esan eta uste dezaketen. Baina lagun onak eta autoestimu handia behar dira horretarako.
Denbora gutxian foko eta mikrofono asko zureganatu dituzu. Sentizen duzu belaunaldi baten ordezkari izateko beharra? Zenbait bandera hartzeko presioa edo eskakizuna?
Bai, sentitu dut erreferente sozial txiki bat bihurtzearen pisu hori. Baina ez nago eroso horretan. Ni musikaria naiz, ez besterik. Nik Izaro, musikari moduan, ez dut erlazionatu nahi inongo ekimen politikorekin. Izaro Andres Zelaieta bai, joango da nahi duen ekimen eta manifestazioetara, baina Izaro ez. Buruan bueltaka zalantzan nabilen gauza bat da, zaila, denak duelako bere karga ideologikoa. Baina ez dut nire musikari lana ezerekin lotu nahi, ez behintzat nik gauzak guztiz argi ez ditudan bitartean.
Garrantzia ematen diozu sare sozialak, hedabideak eta oro har, komunikazioa zaintzeari. Musikari askok karga gisa bizi dute lan hori.
Uste dut sare sozialak oso tresna eraginkorra direla zure lanaren berri emateko. Jende asko mugitzen da bertan, gero, zorionez, zuzenekoetara ere badatorrena. Denbora kentzen dit baina asko da bueltan jasotzen dudana. Izaro oso gauza personala da, oso nirea, eta ez dut saiakera berezirik egin behar Izaro izateko. Nik bakarrik egin dezakedan lana da.
Entseguak, komunikazioa, kontzertuen kudeaketa, kontzertuak… Sortzeko denbora ere baduzu?
Eskertuko nuke sortzeko denbora eta egun gehiago izatea. Azken egun hauetan gertatu zait, adibidez, "estribillo" bat izatea buruan, eta ezin gitarra hartu konposatzeko. Lehenengo diskoan tokirik izan ez zuten abesti asko badut, baina lagun batek esan zidan moduan, horiek ez dute gaur egungo Izaro ordezkatzen, eta oraingoz behintzat, gordeta geldituko dira. Hala ere, pixkanaka ari naiz abesti berriak egiten. | news |
argia-52aa0973758b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/gauza-estrainio-hori.html | Gauza estrainio hori | Jon Aranburu Artano | 2017-02-19 00:00:00 | Gauza estrainio hori
Pasavento eta Ebbot Lundberg & The Indigo Children-en kontzertua. Urtarrilak 29, Gasteizko Helldorado aretoa. Euskal Herrian 3 kontzertu eman zituzten: Bilbon, Hondarribian eta Gasteizen.
Larunbat gaua, etxe-giroa, norbera nekatuta, eta, hala ere, kalerako gogoa. Helldoradora joan egin behar da. Garai batean hainbeste entzundako The Soundtrack Of Our Lives taldearen abeslari izandako Ebbot Lundberg jauna zetorren, artean izena ikasi ez genuen banda baten buru.
– Aurretik nor da?
– Espainol zozo batzuk– zioten aurreko gauean Hondarribian izan zirenek–Pasavento, edo.
– Eta Ebbot ondo?
– Nik dobletea egin behar dut.
Zer den puntualtasuna, lehenengo taldearen azken kantuaren azken partea besterik ez genuen entzun: Pasavento; madrildarrak; iaz argitaratutako lan bakarra Bandcamp-en. Suediarren zain gelditzea besterik ez zitzaigun gelditzen. Berbena izango ote da? Union Carbide Productions-enik joko ote du? Eta TSOOL-enak? Forman ote dago Ebbot? Bada, galdera guztiei baietz erantzun genien taula gainera igo eta hirugarren kanturako.
Ebbot Lundberg handia (galanta da gizona) eta bere gazte koadrila (20 urte eskas izango dituzte denek) lehenengo garagardoa amaitzerako igo ziren taula gainera. Denak aurpegia margotuta, bisaia serioz. Elkarrekin argitaratutako For The Ages To Come laneko To Be Continued kantuarekin hasi ziren. Baina segituan heldu zioten Ebboten aurreko taldeen errepertorioari: TSOOLen Grand Canaria eta segidan UCPen Chameleon Ride.
Halaxe joan zen kontzertu osoa, Lundbergen hiru talde hauen kantuak bata bestearekin lotuz, orain batarenak, orain bestearenak. Omen-talde bat zirudiela ere esango luke zenbaitek, eta, agian, arrazoi izango luke. Nik ez dut uste. Bertsioren bat ere jo omen zuten: Alice Cooper-ena, Pink Floyd-ena eta The Pekenikes-ena, prentsa espezializatuan irakurri ahal izan dudanez. Zer, egiari zor, niregatik libre ziren; guztiek ziruditen talde beraren kantuak, buru beretik sortuak. Eta buru hori Ebbot Lundbergena da.
Urteak daramatza banda batekin edo bestearekin jotzen, baina Helldoradon erakutsi zigun moduan, sasoian jarraitzen du. Egia da ez dela Rock eszenan ohikoa den frontman horietakoa: Lodia, geldoa, tunika ilun batez jantzia, dantzari ez oso iaioa, jarrera arraroduna (panderoa burutik behera sartuta eman zuen ia kontzertu erdia). Baina badu zerbait, karisma izango da, kantuak ereserki bihurrarazten dituena. Eta, noski, kantuak ere ez dira nolanahikoak. Bandak, The Indigo Childrenek ere lagundu zuen, noski, horretan. Gazteak izanagatik (edo izatearren), berebiziko malgutasuna eta gatza erakutsi zuten; itxuraz kontrakoa, dudarik gabe. Kirol-hiztegia erabilita, indartsu dator Suediako harrobia.
Halaxe, ustez gazteegi zen banda batek, eta dagoeneko nekatuta beharko lukeen abeslari batek hamar mila aldiz entzundako kantuak jo zituzten, eta ustez kontra, ikaragarria izan zen. Badakizue, badago halako gauza estrainio bat, azaldu ezina, zuzeneko bat errepikaezin bihurtzen duena. Amaierako The Soundtrack Of Our Lives-en The Passover besarkatuta entzun zuenik ere ba omen da. | news |
argia-c8abb99bc683 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/txoriakeus.html | Hiztegian aurkituko ez dituzun txori izenak | Ainhoa Bretos | 2017-02-19 00:00:00 | Hiztegian aurkituko ez dituzun txori izenak
Euskal Herriko hegaztiei buruzko webgunea sortu du Asier Sarasua biologo eta filologoak: txoriak.eus. Helburu nagusia txorien euskarazko izenak biltzea da, baita horien inguruko informazioa ematea ere. Hortaz, bi alderdi jorratu ditu Sarasuak webgunean: batetik ornitonimia (txori izenak), eta bestetik ornitologia (hegaztiak aztertzen dituen zoologiaren adarra). Natur ondarea eta ondare linguistiko eta kulturala uztartu ditu.
Biologo, txorizale, filologo eta dialektologia zale izanda, horrelako egitasmo bat sortzera kondenatuta zegoela uste du Asier Sarasuak. 1990eko hamarkadan hasi zen Eibarko baserritarrak elkarrizketatzen. Orduan konturatu zen, berak ikasketetan eta liburuetan ikasitako txori izenak ezezagunak zirela bertako baserritar eta ehiztarientzako. Haiek beste hitz batzuk erabiltzen zituzten, Sarasuak, biologo eta filologo izan arren, ezagutzen ez zituenak.
Hegaztien euskarazko izen gehiago jasotzeko asmoz, elkarrizketak egiten hasi zen Eibar inguruko herrietan. Azkenerako, proiektua Euskal Herrira zabaltzea erabaki zuen, eta dagoeneko elkarrizketak egin ditu zazpi lurraldeetako hainbat herritan.
1990eko hamarkadan hasi arren, denbora batez beste proiektu eta lan batzuetan ibili da Sarasua. Azken bi urteetan ekin dio berriz ere egitasmoari, horrelako gai baten inguruan euskaraz material gutxi dagoela ikusita. 2016ko abenduan, urtetan bildutako guztia erakusgarri jartzeko txoriak.eus webgunea sortu zuen.
200 elkarrizketa
Proiektuaren egile bakarra da Asier Sarasua. Afizioz sortu du txoriak.eus egitasmoa, eta galzorian zegoen txori izenen ondarea batzeko eta katalogatzeko asmoarekin ekin dio berriz ere. Horretarako, hainbat gai landu ditu webgunean.
Batetik, alderdi naturalistiko edo zoologikoa jorratu du. Hegaztien zerrenda osatu eta horien inguruko informazio biologikoa jarri du webgunean. Txori bakoitzari fitxa sortu dio. Bertan azaldu du noiz eta non ikusi daitekeen hegazti bakoitza, eta zeintzuk diren horretarako dauden habitat eta txoko egokienak. Horrez gain, hedadura-mapak, argazkiak eta bestelako multimedia edukiak txertatu ditu fitxetan. Hegazti bakoitzak egiten duen hotsa ere entzun daiteke.
Txoritokiak izeneko atal bat ere landu du Sarasuak. Euskal Herriko eta inguruetako biosfera erreserba, parke eta aintziren inguruko informazioa azaldu du. Oraingoz, Urdaibaiko biosfera erreserba, Santoña, Txingudi, Salburua eta Pitillasko hezeguneari buruzko materiala argitaratu du, baina aurrerago beste batzuk ere lantzeko asmoa du.
Asier Sarasua:
"Baserritarrek eta ehiztariek esandakoetan nabarmen ikusten da, ugaztunetan, anfibioetan eta perretxikoetan ez bezala, hegaztietan hitz gehienak euskara batutik urrun daudela, eta askotan hiztegietatik kanpo"
Azkenik, txorien euskal izendegia osatu du biologo eta filologoak, hegaztiek Euskal Herriko eskualde bakoitzean jasotzen duten izena zehaztuz. Horretarako, 200 elkarrizketa egin ditu, eta hainbat liburu eta artikulu ere begiratu ditu.
Hiztegia osatzeko oinarrizko iturria ahozkoa da
Adineko baserritar, ehiztari eta arrantzaleak elkarrizketatu ditu Sarasuak. Lehenengoak 1990eko hamarkadan, eta azkenak 2017ko urtarrilean. Aurrerago ere beste batzuk egingo dituela azaldu du.
Hiztegia osatzeko oinarrizko iturria, beraz, ahozkoa da. Baina txori izenak biltzen dituzten ehun bat liburu, artikulu eta hiztegi ere landu eta aztertu ditu Sarasuak, ahozkoekin alderatu ahal izateko. Azaldu duenez, elkarrizketa horietan nabarmen ikusten da, beste alor lexikalean ez bezala (ugaztunak, anfibioak, perretxikoak, baserriko tresnak eta abar), hegaztien inguruan jasotako hitz gehienak euskara batutik urrun daudela, eta askotan hiztegietatik kanpo.
Hortaz, txorien idatzizko izenak eta ahozkoak bat datozen ala ez aztertzea interesatzen zaio Sarasuari. Izan ere, norbaitek txori izen bat sartzen duenean hiztegian, izen hori hedatu eta nagusitu egiten da gainerako liburu eta hiztegietan. Baina sarri gertatzen da, hitza idatziz zabaldu arren, ez dela ahoz erabiltzen. Horrez gain, herri batetik bestera izen oso ezberdinak eduki ditzakete hegaztiek, txori bakar batek dozena bat izen jaso dezake.
Anas crecca izeneko hegazti espezieari, esaterako, 'ahatettipi' esaten zaio Zuberoan, 'ahatetxiki' Urola Kostaldean, Gorbeia inguruetan, Goierrin eta Bidasoa Garaian. Donostialdean, aldiz, 'txertxeta' deitzen diote hegazti berari, eta 'zertzeta' erabiltzen dute Durangaldean, Debagoienan, Debabarrenan, Lea Artibain, Arratia Nerbioin, Gorbeia inguruetan, Goierrin, Gernika-Bermeon, Urola Kostaldean, Hego Lapurdiko Hirigunean, Tolosaldean eta Plentzia-Mungian.
Txoriak.eus egitasmoaren bitartez, hegaztien izendegia jaso eta berreskuratu nahi du Sarasuak. Izan ere, galzorian dagoen ondarea dela uste du: "Alor semantiko zinez aberatsa da hegaztiena, eta gazteen artean erabat galzorian dago, transmisioa etenda eta estandarreko formak erabat nagusituta". | news |
argia-47068634e296 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/jainkoen-oparia-ala-deabruaren-tranpa.html | Jainkoen oparia ala deabruaren tranpa? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-02-19 00:00:00 | Jainkoen oparia ala deabruaren tranpa?
Antzinaroan, Egipton nahiz Grezian, trufa jada sukaldaritzan erabiltzen zen eta oso preziatua zen. Erroman jatorri jainkotiarra eman zioten onddo preziatuari: Juvenal olerkariaren arabera, Jupiterrek haritz baten ondoan botatako tximista batek sortu zuen.
Erdi Aroan, ordea, Eliza Katolikoak trufaren aurkako gurutzada abiatu zuen. Afrodisiako tentagarri arriskutsua omen zen eta gainera sufre usaina antzematen zioten, deabruarekin lotuta zegoen seinale. Musulmanak ere ez ziren onddoaz fio; XV. mendeko Sevillako arau batek meskiten inguruan trufak saltzea debekatu zuen. Errenazimendutik aurrera trufek jainkozko estatusa berreskuratu zuen sukaldean, eta prezioan. | news |
argia-23a597de2d1e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/konfuzioren-azak.html | Konfuzioren azak | Jakoba Errekondo | 2017-02-19 00:00:00 | Konfuzioren azak
Aurtengo hau aza jendearen urtea izendatu dutela baliatuz, azapologia egiten jarraituko dut. Europako kostalde osoan, mediterranear eremuan eta Asian topa daitezke aza jendearen arbaso basak. Milaka urte daramatzagu aza horietatik jaten. Jan aurretik, agidanean, botika gisa erabiltzen ziren, gorreria, beherakoa eta buruko mina osatzeko. Jateko etxekotu, landu eta hobetutako aldaeren artean, mota askotako azatarrak bereizi ditugu, kultura askotan garrantzi handikoak, baratze eta soroetan etengabeko aukeraketa eginez.
Brassica generoak biltzen ditu azatarrak. Brassica hitzak, latinez, "aza" esan nahi du; guretzat, alabaina, genero horretako guztiak ez dira azak. Botanikarien artean ere zikulu-saltsa ederra dago sailkatze eta izendatze lanetan... Saltsan edo gabe guk jaten jarraituko dugu, gustura asko! Jaten diogun atalaren arabera, aukeraketa eginez sortu dira aldaerak: sustraiagatik eta zortenagatik bereizi ditugunak (errefau-aza Brassica oleracea var. gongylodes , arbi-aza Brassica napus subsp. rapifera eta arbia Brassica rapa var. rapa ), hostoa nagusi dutenak (galego aza Brassica oleracea var. longata , kalea Brassica oleracea var. acephala , aza txinatarra Brassica rapa var. chinensis , mizuna japoniarra Brassica juncea var. japonica eta aza kizkurra Brassica oleracea var. sabellica ), loreagatik hautatutakoak (azalorea Brassica oleracea var. botrytis , brokolia Brassica oleracea var. italyca eta romaneskua Brassica oleracea convar. botrytis var. botrytis ), ernamuinak hobetsi dizkiegunak (brusela aza Brassica oleracea var. gemmifera , aza Brassica oleracea var. capitata , lonbarda Brassica oleracea convar. capitata var. rubra ) eta haziaren bila aukeratu ditugunak bai jateko (ziapeak, Indiakoa Brassica juncea , beltza Brassica nigra eta Etiopiakoa Brassica carinata ) eta bai oliotarako ere (koltza Brassica napus ). Era berean, ez dauzkagu ipularrean uzteko beste genero batzuetako bestengusu dituzten errefautxoa ( Raphanus raphanistrum subsp. sativus ) eta Sinapis alba ziape zuria ere... Horiek ere janez aukeratu eta bereiziak eta geure bizitza hobetu dutenak.
Konfuziok, duela 2.495 urte hil aurretik, ehunka olerki eta abesti idatzi zituen garai hartako bizimodua azalduz. Nekazaritza aipagai du, baita orduko berrogeitaka jaki ere; tartean, aza. Gaur egun gai horiei buruz, azaburuz-eta, idatziko luketen letragileak beharresten ditut. | news |
argia-c3d3cb5f9b13 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/gorputzari-eta-bizitzari-kasu-egiteko-lanak.html | Gorputzari eta bizitzari kasu egiteko lanak | Lander Arretxea | 2017-02-19 00:00:00 | Gorputzari eta bizitzari kasu egiteko lanak
"Bizitza erdigunean jarri". Gero eta gehiago entzuten da ekonomia feministaren aldarrikapen asko laburbiltzen dituen esaldia. Baina zertaz ari gara zehazki lelo hori errepikatzen dugunean? Nola eraman ikuspegi hori proiektu edo enpresetara? Ahalegin horren onurak eta ajeak ongi ezagutzen dituzten bost lagunengana jo dugu erantzun bila.
Egin dut proba. Ekonomia feministaz galdegin diet lagun eta ezagunei. Askok asmatu dute zerikusia baduen zer edo zer aipatzen: "Zaintza-lanen balio eta garrantziaz jabetzea", "ongizateari etekinari baino garrantzia handiagoa ematea", "harremanak eta behar pertsonalak zaintzea"… Ideia zabal horiek praktikara eraman dituzten proiektuen berri ba ote duten galdetuta aldiz, inor gutxi izan da izenik emateko gai. Izan badira, ordea esaldi horiek aintzat hartu eta euren egunerokora eramateko ahaleginean ari direnak. Zailtasunak zailtasun.
Badaki zerbait horretaz guztiaz Irati Mogollon ikerlari errenteriarrak. Ana Fernandez Cubero lankidearekin batera hainbat kooperatibaren auditoria feministak egin ditu. Ikerketa eta praktika askoren ondoren, esparru gatazkatsu jakin batzuk identifikatu dituzte: denbora, lan-moldeak, erremunerazio eredua eta kolektibizazio gradua. Horiek aztertuz antzematen dituzte prekarizazioa, kontziliazio gatazkak, botere-harremanak…
Irati Mogollon, ikerlaria:
"Workoholismoa dutenak pasioaren izenean autoesplotazioan bizi dira, nekaturik baina pozik. Jai egunak hartuz gero alferkerian egotearen erruduntasuna sentitzen dute; dena eman nahi horretan, lanaldi amaigabeak egiten dituzte"
Dioenez, posible da ekonomia feministaren ikuspegia proiektu konkretutara eramatea, baina horretarako ezinbestekoa da ekoizpen helburuak gorputzen eta bizitzako zikloen aldaketak kontuan hartuz berrikustea. Bestela, bi filosofia desberdinen arteko tentsioa elikatzen da. "Adibidez, ohikoa izaten da kontziliazioaren izenean lanaldi murriztuekin jardutea. Denbora murrizteak, ordea, ez du zertan lan bolumena murriztea ekarri. Maiz lan kopuru berdina denbora eta soldata murritzagoetan egitea dakar".
Workoholismoa: gustuko lanaren tranpa
Logika feminista honetatik datozen praktikak ezartzeko zailtasun eta trabez galdetuta, "workholismoa" hartu du ahotan Mogollonek. Gustuko dutena haien lan bilakatu dutelakoan, haien identitateak eta nahiak enpleguaren bitartez gauzatzen dituztenen jokabidea. "Pasioaren izenean auto-esplotazioan bizi dira, nekaturik baina pozik. Jai egunak hartuz gero alferkerian egotearen erruduntasuna sentitzen dute; onena eman nahi dutenez, lanaldi amaigabeak dituzte; diru gutxi irabazi arren, egunen batean egoera aldatuko delakoan daude; eta etorkizuneko egonkortasun horren izenean, etengabe egiten dute lan". Zabalduta dagoen arren, arazotzat du Mogollonek jokabide hori. Batetik, lan eredu edo logika horri etekina ateratzen dioten sektore pribilegiatuak badaudelako. Bestetik, bizitza, erdigunean jarri ordez, ekoizpen prozesuaren esanetara jartzen dutelako.
Bestelako traba batzuk ere identifikatu ditu, hala nola: hiper-estimulazioa edo etengabe zerbait egin beharra, eta ordainsariaren gatazka. "Egindako lanagatik dirua eskatzeak erreparo edo kontraesan handia sortzen digu, are gehiago gure lana ez-materiala denean.Askotan, erruduntasun horren iturria gure jarduera politikoaz jabetu eta aktibismoa ogibide bihurtzeko beldurra da. Baina ikasi behar dugu ordainsariaren kontuarekin mugak jartzen. Komunitatearen errekonozimendu eta esker onarekin bakarrik oraingoz ezin da ogia erosi edo uraren faktura ordaindu.
Emozioak konpartitzearen garrantzia
Irati Mogollonek gertutik ezagutu duen proiektuetako bat da Ttipi Studio kooperatiba. Hirigintza eta espazio kolektiboen diseinu kolaboratiboetan egiten dute lan, baita komunitate eta erakundeen prozesu kolaboratiboetan ere. Maddi Texeiro bertako kidearen arabera, ekonomia feministaren ideia batzuk eraman dituzte euren antolaketa eta harremanetara. Lan-mota eta funtzio guztiek duten garrantziaz ohartzen direla dio, eta denei balio bera ematen dietela, bai arretari dagokionez, baina baita soldatari dagokionean ere. "Norberaren bizimodua eta lanetik kanpo duen errealitatea ere ongi ezagutzen dugu, asko hitz egiten dugu horri buruz, eta eguneroko jarrera eta talde dinamiketan aintzat hartzen dugu".
Antzeko bidea egin dute Kalaka komunikazio agentzian. Euren emozioak elkarri azaltzeari garrantzi handia ematen diote, horrek eguneroko harremanetan duen eraginaz jakitun. Lan-ordutegi malguek ere baimendu diete "bizitza erdigunean jartzea": "Oso pozik joaten gara egunero lanera, eta gure errealizaziorako bide sendoa da, baina gure bizitza lana baino gehiago da. Horregatik, gure bizitzaren baitan antolatzen dugu lan ordutegia. Kontziliazioak, formakuntzak, gaixoaldiek eta egun motelek beren lekua dute lanaldian". Texeirok aldiz, ordutegi malgua tranpa ere izan daitekeela uste du. "Zaila da enplegua, aisialdia eta zaintzarako denbora bereiztea, eta askotan elkar zapaltzen dute. Zer esanik ez sare sozialek eta e-postek etengabe konektatuta mantentzen bagaituzte".
Administrazioaren papera
Oso bestelako ikuspegia du Katakrak liburu-dendako bazkide eta langile Nerea Fillatek. Ez du uste ekonomia feminista ardatz hartzeko gaitasuna duen proiekturik egon badagoenik, ezta eurena ere. "Katakraken saiatzen gara ezinbestekoak behar luketen eskubide batzuk errespetatzen, baina horixe dira, eskubideak. Denok bete beharko genituzke". Edonola ere, aitortzen du badirela etekinari beharrean, euren ongizateari begiratuz hartutako erabaki batzuk: taberna eta kantina izan arren, ez dute igande eta jaiegunetan irekitzen, eta aitatasun edo amatasun baimenak beste bi astez luzatzen dituzte.
Maddi Texeiro, Ttipi Studio:
"Norberaren bizimodua eta lanetik kanpo duen errealitatea ongi ezagutzen dugu, asko hitz egiten dugu horri buruz; eta eguneroko jarrera eta talde dinamiketan aintzat hartzen dugu"
Erabaki txiki horiek garrantzia handia dutela dio, baina ekonomia feminista benetan ardatz hartzeko, administrazioak ere paper aktiboa izan behar duela. "Gaiari administraziotik heltzen ez zaion bitartean, oso zaila izango da aldaketa eraldatzaileak proposatzea". Zentzu horretan, baditu hainbat aldarrikapen: batetik, kooperatibetan ere, bestelako egitura juridikoetan bezala, zaintza lanetarako lanaldi murriztua hartzean kotizazio osoa mantentzea. Bestetik, aitatasun eta amatasun baimenak berdindu eta derrigorrezko egitea. "Horrela, kolpetik, kontratazioetako diskriminazioa leunduko genuke, eta gizonezkoak zaintza lanetan aritzera behartu".
Presa ez da bidelagun ona
Ekonomia feministak ordutegiak eta harremanak lantzeko moduak berrikustea eska dezake, baina ez hori bakarrik. Erritmoak eta proiektuen zikloak ere behar dute beste buelta erdi bat, gutxienez. Adibide ona da Lastotan nafarrena. Bost urte dira Iruñerrian nekazaritza eta formakuntza uztartuz Elkarbizitza Laborategia martxan jartzeko ahaleginetan ari direla. Oraindik ez dute lortu, baina gero eta gertuago daude. "Ulertu dugu, orain arte ez bada atera, gauza asko ikasi behar genituelako dela. Horrek lagundu digu frustrazioan eta etsipenean ez erortzen. Ez dugu iparra galdu, nahiz eta goxoki edo tentazio asko izan ditugun. Nahiago izan dugu onura ekonomikoa atzeratu, bidea zuzen mantentzeko. Elkarren zaintzaz gain, gure proiektuaren zaintza ere inportantea izan da. Proiektuaren filosofia mantentzeko, eta horren zutabeak ez botatzeko, uko egin diogu soldatak lehenago lortzeari".
Badirudi soilik gazteenen esku dagoela horrelako bideak jorratzea; gero eta zailagoa dela urteak eta ardurak pilatu ahala. Uste hori irauli dute Lastotanen. Nerea Esparza kideak, esaterako, 41 urte eta bi seme-alaba ditu, eta pozez eta ilusioz eutsi dio Lastotan sortzeko asmoari. "Gure bizitzak ez du eztanda egin. Izan ditugu krisiak, baina elkar zainduz eta gure ametsa zein den argi izanda, aurre egin diegu". Haiena omen da elkarbizitza laborategia izango denaren lehen esperimentua, eta harro daude, poliki bezain sendo egin dutelako bidea. "Bide honetan, elkar zainduz, gure bizi erritmoak errespetatuz eta trabak gaindituz ikasi dugun guztiak, balioko digu aurrerago ere". Denboraren joanak eta presa ezak baimendu die jokabideak ongi zaintzea, eta ahuldu beharrean, indartu egin ditu. | news |
argia-52a32a510789 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/amaren-sua-aitaren-etxean.html | Amaren sua aitaren etxean | Miren Artetxe Sarasola | 2017-02-19 00:00:00 | Amaren sua aitaren etxean
1952ko otsailaren 21ean bengalera hizkuntza ofizial izan zedin aldarrikatzen ari ziren manifestariak tirokatu zituen polizia pakistandarrak Dhakan. "Ama hizkuntzaren nazioarteko eguna" izendatu zuen gerora Unescok, "hizkuntza aniztasunaren aldeko" egun gisa.
Egun hauetan ez dira faltako euskara helarazi ziguten amen aldeko laudorio-txio zintzoak. Hedaduraz, andereñoek ikastoletan egindako lana goraipatuko dugu eta norbere ama hizkuntzan ikasteko eskubidea aldarrikatu (gutxituon aurkako argudioa izanik ere).
Gauzak zer diren, gure Lizardik XX. mende hasieran euskararen egoera kaxkarra emakumeei leporatu zien, Europatik zetozen modak berenganatzen ari zirela eta (makillajea, janzkera, orrazkera, eta erdarara jotzea barne). Ez hain aspaldi, Txepetx euskal soziolinguistikaren aita k, hizkuntzaren galeraren erantzule nagusietarikotzat zituen emakumeak, "emakumeen psikologian sakonki sustraituriko motibazioak" medio "halako señorita aire bat" ematen zielako erdarak.
Emakumea –ama edo amagai hori– maiz ikusi baita traidore gisa hizkuntza gutxituei dagokienez ere (eta ez gurean soilik). Besteon zaintza bezalaxe hizkuntzaren erreprodukzioa bermatzea bere eginkizun den heinean, gizona baino errudunagoa baita erdaraz ari denean. | news |
argia-4aea2319525c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/laia-sanz-dakarreko-emakumea.html | "Askok uste dute gizon bat gurpil gainean gizonagoa dela, eta emakumea mari-mutila" | Saioa Baleztena | 2017-02-19 00:00:00 | "Askok uste dute gizon bat gurpil gainean gizonagoa dela, eta emakumea mari-mutila"
Laia Sanz (1985, Corbera, Herrialde Katalanak) Dakar Rallya aldi gehienetan amaitu duen emakumea da. Zazpi ediziotan parte hartu du eta guztietan bete du helmugara iristeko erronka. Ez hori bakarrik, azken lau urteetan lehen hogeien artean sailkatu da. Baina motoziklismoaz aparte, lasterketa esanguratsua egiten ari da berdintasunaren bidean ere.
Aurten egin duzu zure zazpigarren Dakar Rallya, eta zazpiak amaitu dituzu. Emaitzekin pozik?
Dakarra amaitze hutsa soilik bada sekulako erronka. Beraz, harro nago nire lanaz. Azken lau urteetako emaitzak baino, garrantzitsuena da eraginkorra izan naizela beti. Badaude hainbat eta hainbat pilotu, gainontzeko lasterketetan emaitza izugarriak lortu arren, Dakarra bukatzeko gai ez direnak. Gidatze irmoa egiten dut, gehiegi arriskatu gabe, zoritxarrez faktore gehiegik bihurtzen baitute bereziki zail lasterketa hau bukatzea.
Proba gogorra da, motoziklismoko gogorrena. Zenbateraino da obsesioa kirol honetara bultzatzen zaituztena?
Tira, ez dut uste alde horretatik gainontzeko kiroletatik bereizten denik. Kanpotik hala eman dezake, baina ongi prestatuz gero ez du zertan hala izan. Argi dagoena da lasterketa bereziki gogorra dela, eta fisikoki zein emozionalki sekulako lana egin behar dela Dakarrak berezkoa duen krudelkeriari aurre egin ahal izateko.
Maiz erran izan duzu heriotza gertu izaten duzuela Dakarrean. Nolatan arriskua hurbil sentitu nahi izate hori?
Argi dago ez dugula heriotzatik gertu egon nahi. Baina tira, zerbait on izango du Dakarrak, pilotu guztiek, arriskuak arrisku, itzultzeko desioari eusten badiogu urtetik urtera. Ziurrenik kanpotik zaila da ulertzea. Besterik gabe magikoa da, eta halako ondorioak ekiditeko gakoa da, nire kasuan, gehiegi ez arriskatzea, erorketarik tontoenean ere ondorioak latzak baitira.
Emakumezkoen motoziklismoaren ikurra zara, emakumeen mailarik ez zegoenean hasitakoa. Zein eragin izan du horrek?
Txikia nintzenean, neska bakarra nintzenez, mutilen mailan jardutea beste modurik ez nuen lasterketetan parte hartzeko. Baina gustura aritzen nintzen. Noski, konturatu gabe, berez nuena baino maila altuagoan lehiatzera ohitu nintzen. Geroz eta argiago dut nire palmaresa gaur ez litzatekeela berdina izango nesken mailan lehiatu izan banintz beti.
(Arg.: Florent Gooden)
Emakumeen mailarik ez izateak ez al ditu estigmak indartu?
Hein batean bai. Erabat kulturala da, eta gauzak aldatzen ari diren arren, denbora behar da. Motoziklismoari beti aitortu izan zaio gizonezkoen partaidetza. Askok uste dute gizon bat gurpil gainean gizonagoa dela, eta emakumeak aldiz mari-mutilak. Halakoak mila bider entzun ditut. Baina bizitzako alor guztietan bezala, emakumeok lortzen ari gara kirol honetan merezi dugun protagonismoa. Bide luzea dugu aurretik baina zorionez gauzak aldatzen ari dira.
Ez ote gaude, hala ere, berdintasunetik urrunegi oraindik?
Bai, zalantzarik gabe. Egia da, esate baterako, markek geroz eta interes handiagoa agertzen dutela emakumeenganako, baina gizonezkoek dituzten abantailetatik urruti gaude oraindik. Ekonomikoki ere gizonezkoen soldaten oso azpitik gaude, lehiaketa berean aritu eta palmares hobea izan arren.
Zaila izan da zuretzat bidea irekitzea?
Lan handia egin dut iritsi naizen tokira iristeko, eta zorionez, nire pasiotik bizi naiteke gaur egun, beraz ez naiz kexatuko. Baina bidean jende asko gelditzen da, gure kontrako zailtasunak nekagarriak direlako. Hala ere, esan bezala, geroz eta errazagoa da, gaur egun federazioen eta marken diru-laguntzak ere badaude. Ni hasi nintzenean ez zegoen halakorik.
Nolakoa da pilotuen arteko harremana? Emakumea izateagatik arazorik izan duzu sekula?
Argi dago, zer esango dizut... Askorentzat hau gizonezkoen kirola da. Noski, denetatik dago, batzuek ezin hobeto zaindu naute. Babestuta sentitu izan naiz maiz eta lagun onak ditut motoziklismoaren familian. Baina, zoritxarrez, egoera desatseginak sarri izaten dira. Tokiz kanpoko jarrerak ohikoak dira, pilotuetatik hasi eta taldeetako nagusietara iritsi arte. Matxismoa gizartean nagusi bada, motoziklismoan gehiago.
Nola ekidin daitezke halako egoerak?
Nik erasoak motibazio bihurtzen ditut. Azken batean, nire palmaresa ahoak ixteko baliabiderik indartsuena da. Jarrera desegokiak sarri inbidiak eragiten ditu, alegia nire palmaresak, kasu honetan. Beraz, gauzak ezin hobeto egiten ari naizen seinale. Egia da hasi nintzenean asko eragiten zidala jendearen erantzunak, baina gaur egun ez nau larritzen.
Urtarrilaren 5ean haserre amaitu zenuen lasterketa. Bidean erdi galdu zinen eta kide bati laguntza eskatu zenionean gezurra erran zizun, despistatzeko asmoz. Kirol hau ez ote da gainontzekoak baino krudelagoa?
Gertakari hori ezustekoa izan zen. Kirol honek zerbait badu, pilotuen arteko elkartasuna da. Batez ere Dakar Rallyan. Izan ere, lasterketaren gogortasunak erakutsi du, urtez urte, egun batean agian nik beharko dudala laguntza baina hurrengoan aldamenekoak beharko duela. Horregatik, urtarrilaren 5ekoak min handia eman zidan. Ez galdu nuen denboragatik, baizik eta kirol-legerik gabeko jarreragatik. | news |
argia-dfd4ee7b50a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/protekzionismoa.html | Protekzionismoa | Mikel Zurbano | 2017-02-19 00:00:00 | Protekzionismoa
Bigarren Mundu Gerraren ostean eraiki den merkataritza globalaren eta nazioarteko ekonomiaren joko arauak eraldatzeko agertokia zabaldu da. Trumpen Amerika lehenik goiburu hartuta AEBetako merkataritza politikaren errotiko bira estrategikoaren ateetan gaude. Diskurtsoan ez ezik, ekonomia eta merkataritza bide berriaren lehen ebidentziak indartsuak dira dagoeneko: azken 70 urteko multilateralismoa alboratu eta alde bakarreko estrategia indarrean ipini du Trumpek. AEBetako Gobernu berriak Pazifiko arroko TPP merkataritza libreko eremua utziko du eta Mexikoko inportazio ondasunei %20ko muga-saria ezartzeko asmotan dabil. Neurri hori hartuko balitz, Ipar Amerikako merkataritza libreko eremua –NAFTA: AEB, Mexiko eta Kanada barnebiltzen duena– de facto eraitsia izango litzateke. Europarekin negoziatzen ari diren TTIP prozesua bertan behera geratu da.
AEBetako hegemonia ekonomikoaren ardatzetako bat globalizazioa eta merkataritza liberalizazioa izan da bere kanpo ekonomi politikari dagokionean. Merkataritza liberalizazioaren erritmoa eta mailaketa nahieran gidatu du potentzia ekonomiko nagusiak, lehenik GATT eta ondoren Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) kudeaketa multilaterala hobetsita. Nazioarteko merkataritzaren liberalizazioa –arantzelak eraistea neurri behinena duena– gauzatzeko prozedura hitzartua eta multilaterala nagusi izan da azken zazpi hamarkadetan, disuasioa ere erabili den arren. Azken mende erdiko liberalizazio orokorra manufakturgaien merkataritzan eta finantzetan gauzatu da batik bat. Beste arlo batzuetan babesa eta araugintza mantendu da, nekazaritzan, zerbitzu gehienetan edo babes intelektualean esaterako. Horrela lortu dute AEBetako enpresa transnazional ugarik bere hedapen globala bermatzea eta nazioarteko merkataritzak hazkunde sendoa ezagutzea. Nazioarteko merkataritzaren liberalizazio selektiboaren eredu multilateral hau zalantzan jarri du AEBetako agintaritza berriak.
Merkataritzaren erregulazio globalaren arloan II. Mundu Gerraz geroztik eraikitako oinarriak lehertzeko bidean dira. Ikusteko dago AEBetako bulkada protekzionistaren irispena. Indar alterglobalisten artean iritzi korronte batek –Susan Georgek, esaterako– ez du begi txarrez ikusten AEBetako merkataritza arloko olde berria, merkataritza libreko eremuen eraispena dakarren neurrian, baita TTIPena ere
Nolanahi ere, aipatutako ereduaren krisia bistakoa zen azken hamarkadan izan duen bilakaera aztertuta. Izan ere, 2001ean zabaldu zen MMEaren Doharen negoziazio txanda ez aurrera ez atzera dago aspaldian. Horregatik eta Txina bezalako nazioarteko aktore emerjente indartsuen agerpenagatik AEBek eskualdetako liberalizazio akordioak hobetsi dituzte mende honen hasierarekin bat. NAFTAren ondoren, Pazifikoko merkataritza libreko ituna –TPP– edo negoziazio prozesuan zegoen Atlantikokoa –TTIP– eta beste batzuk sustatu dituzte Washingtondik. Hots, merkataritza politikaren joko esparrua zalantzakorra izan da azken hamarkadan.
Merkataritzaren erregulazio globalaren arloan II. Mundu Gerraz geroztik eraikitako oinarriak lehertzeko bidean dira. Ikusteko dago AEBetako bulkada protekzionistaren irismena. Indar alterglobalisten artean iritzi korronte batek –Susan Georgek, esaterako– ez du begi txarrez ikusten AEBetako merkataritza arloko olde berria, merkataritza libreko eremuen eraispena dakarren neurrian, baita TTIPena ere. Trumpen ekonomia politikak epe laburreko onurak bilatzen dituen arren, hortik aurrerako eragin kaltegarriak bistakoak dira. Aldebakartasunak ez du irabazpenik ekartzen inorentzat ezta AEBentzat ere, izan ere hango produkzio sisteman errentagarritasunaren galera, produktibitatearen jaitsiera eta inflazio hazkorra nozituko dute ondorioz. Eta horrek protekzioaren logika indartu egingo du. Munduko gainerako herrialdeen erantzun erreaktiboa logika horretan ematen bada ondorioak aurreikusi ezinak dira. | news |
argia-5fb15e1d60cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/etsitzen-hasiak-ginelarik.html | Etsitzen hasiak ginelarik | Aingeru Epaltza | 2017-02-19 00:00:00 | Etsitzen hasiak ginelarik
Seguru aski, Uxue Barkosen gobernuak beharrezkoak zituen hogei hilabete geldo hauek. Jokoaren arauez jabetzeko. Indarrak neurtzeko. Tiraderetan arakatzeko. Tranpak detektatzeko, indargabetzeko. Sabaiak eta estoldak ezagutzeko. (Benetako) lagunak eta (benetako) etsaiak bereizteko… Zein luze egin zaizkigun, ordea.
Kezkagarriena ez dira izan hasiberriaren hanka-sartzeak. Kezkagarriena izan da arintasun falta, tonu grisa, erabakiak hartzeko herrena. Munduko denbora guztia balu bezala ari zen, munduko denbora guztia duenik ez dagoelarik batere garbi. 2015ean, maiatzean piztutako esperantza zalantza bilakatzen hasia zen abenduan. Zalantzatik etsimendura lerratzen hasiak ginen 2016ko hondarrean.
Hara non, gobernua gobernatzen hasi da bat-batean.
Hitzarmen ekonomikoa dela-eta Madrili hortzak erakutsita, jokoz kanpo harrapatu du UPN. Trenaren eta ubidearen proiektu gatazkatsuei nola heldu dien ere ez zuen espero Javier Esparzaren alderdiak. Ikurren sinboloaren baliogabetzea ez da jadanik promesa bat. Euskararen plan estrategikoaren aurkezpenak norabide bat eta helmuga batzuk markatu ditu arrankatu ezinik zirudien alorrean. Gure hizkuntzaren erabilera arautuko duen foru dekretua, nonbait, berehala da etortzekoa.
Ezin erran gobernuak azeleragailua sakatu duenik. Egiazko neurriak berantesteko denbora izanen dugu aurten ere, Barkosen kabineteak bere buruari jartzen dizkion epeen luzea ikusirik. Datu guztiak mahai gainean izan arte erabakiak geroratzeko urte eta erdi honetako grina ez da apalduko legegintzaldiari dagokion denboran. Kontu honek, nolanahi ere, bertzelako itxura hartu du.
Albisteak jarioan heldu dira, eta gehienak gozo. Euskararendako dirua zenbait aldiz biderkatu da Nafarroako 2017ko aurrekontuetan. Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza handituko da aurten ere. Erriberan, D ereduaren aldeko apustu publikoa finkatua eta hobetua dator aurten. Zonifikazioak astindu bat hartuko du luze gabe: eremu ez euskalduneko hamabi udalek adierazi diote Nafarroako Gobernuari eremu mistoan egon nahi dutela. Bertze hainbat herriren –Tafalla, Zangoza– bide-erakusle izanen dira agian.
Bada oraindik gutixko irizten dionik horri guztiari. Brida dezala bere burua. Hizkuntzaren kontrako jarreren gorakada detektatu du azken inkesta soziolinguistikoak; UPNren eta PPren espantuek ez dute ez entzule ez bozgorailu falta. Gainerakoetan ez dakit. Euskara kontuetan, nora joan garbi izanda, hobe mantso eta zalaparta handirik gabe, bazterrak harrotzen ibili baino. Munduko denbora guztia ez izanagatik ere. | news |
argia-79d7e858a855 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/buffalo-bill-en-kontraesanak.html | Buffalo Bill-en kontraesanak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-02-19 00:00:00 | Buffalo Bill-en kontraesanak
Iowa (AEB), 1846ko otsailaren 26a. William Frederick Cody esploratzaile eta ehiztaria, Buffalo Bill ezizenez ezaguna, jaio zen. 14 urte besterik ez zituela, Pony Express mezularitza enpresa sortu berrian hasi omen zen lanean, eta zaldizko eta ehiztari trebe bihurtu zen. Sezesio Gerran parte hartu zuen, Batasunaren aldean. Eta gerra amaitutakoan Far West-a (mendebalde urruna) esploratzeari ekin zion berriro, Kansas Pacific Railroad trenbide enpresarentzat. Curriculum horrek heroi eta mito bihurtu zuen, Ned Buntline nobelagile eta lagunaren bultzadaz. Bizitzaren azken 30 urteetan ospe horri etekina atera zion, Wild West (1883) ikuskizunaren bidez.
Milaka bisonte amerikar hil zituen Buffalo Billek. Kansas Pacificeko langileek bisonte haragiz elikatzen ziren nagusiki, eta Codyk marka ikusgarriak lortu zituen haien hornikuntzan: 30 minutuan 48 bisonte bota zituen; zortzi hilabetean, 4.280. Espeziaren desagertzeari egindako ekarpen horrek eman zion Buffalo ezizena.
Gizakiak ere dozenaka hil zituen, batez ere indioak. Haien kontrako hamasei gerratan parte hartu zuen, Ile Hori buruzagi cheyennea esku hutsez hil omen zuen, eta ikuskizunetan bertatiarrak gutxietsi zituen. Hala ere, iraganean egindakoaren aurka predikatu zuen hainbat arlotan. Esaterako, bisonte amerikarra kontserbatzeko neurriak bultzatu zituen. Ehiza garaia mugatzen eta arautzen ahalegindu zen. Alferrik.
Gizaki guztien eskubideen aldeko diskurtsoa ere zabaltzen saiatu zen komunikabideetan. 1898an The Milwaukee Journal -eko kazetariak emakumeen sufragioa babesten ote zuen galdetu zion eta hark baietz erantzun zuen, gehienek ezezko borobila erantzungo luketen garaian. Annie Oakley garaiko tiratzaile trebeena kontratatu zuen ikuskizunerako eta Calamity Jane bera ere ezagutu omen zuen. "Idatz ezazu letra handi beltzetan emakumeen sufragioaren alde nagoela. Emakumeek dagokien tokira itzuli behar dutela dioten gizonek barrea eragiten didate. Emakumeek gizonen lana berdin egin dezakete eta berdin ordaindu beharko liekete".
Azkenik, esan bezala, Buffalo Billen ikuskizunetan indioak gaiztoak izan ziren beti; bere diskurtsoan, ordea, ez. Dallas Morning News egunkariari adierazi zionez, "indioei erasotzen nienean lotsa ematen zidan nire buruak, eta damua sentitzen nuen. Gure aurka borrokatzeko eskubide osoa zuten". | news |
argia-49364cf11752 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/azkenean-grexit-herrialdea-eraitsi-eta-greziarrak-zukututa-gero.html | Azkenean Grexit, herrialdea eraitsi eta greziarrak zukututa gero | Pello Zubiria Kamino | 2017-02-19 00:00:00 | Azkenean Grexit, herrialdea eraitsi eta greziarrak zukututa gero
Europarrak entretenituta zeuden bitartean Trump eta Brexit-arekin, Grezia berriro hurbildu da bidegurutzera: otsailaren 20a baino lehen hitzartu behar du itun berri bat bere zor publiko ordain ezinaren hartzekodunekin edo eurotik –eta menturaz Europar Batasunetik– kanpo gera daiteke. 2008an lehertutako krisiak ez dizkio oraindik ezusteko gogorrenak eman Europari.
Siriatik iritsitako errefuxiatuak ez dira Grezian hil ala biziko estutasunean bizi diren bakarrak. Atenasko osasun etxe batean, medikuaren atean papera erantsita: "Gaixoen muga gainditu dugu. Barkatu eragozpenak". Gripeak jota dabilen Panagiotis Grigoriou antropologoak deszifratu du mezu ulergaitza Greek Crisis blogean. Grezian mediku guztiek dauzkate kuotak, egunero Gizarte Segurantzaren kontura artatu ditzaketen gaixo kopuruak, 3 eta 5 artean gehienez, eta horien ondoren iritsitako guztiek –berdin dio Gizarte Segurantza kotizatu ala ez– patrikatik ordaindu behar dute. Kuotan sartu ez bazara, edo ordaindu edo medikurik gabe geratuko zara. Eta hiru milioitik gora greziar asegururik gabe bizi dira, edozein botika, mediku edo operazio pagatzera derrigortuta.
Doktorearen salan jende gehiagoren artean zain dagoela, Grigoriouk ikusi du bere aurreko gaixoa larritasun aurpegiz irteten. "Andrea –esan dio sendagileak– sistema informatikoak dio martxoan Gizarte Segurantzak kanporatu egingo zaituela". "Eta zer gertatu behar zait orduan? Langabezian nago, mediku jauna... Martxotik aurrera aurkituko al dugu modurik medikuren batek artatzeko?". "Sentitzen dut, andrea, Jainkoak beste inork ez daki".
Etengabeak dira protestak Atenas bezala Greziako beste hirietako karriketan, agentziek banatu dituzte horien irudi deigarriak gauza inportanteagoekin denbora pasa bizi diren europarrek ikusi ez dituztenak. Milaka traktore atera dituzte errepide eta autopistetara nekazariek, argazkietan ageri dira artzainak makilaka borrokan poliziekin. Pentsioak berriro jaitsi dizkietelako manifestazioak antolatu dituzte jubilatuek, ikusi zahar jendea poliziaren autobusa iraultzen. Osasun sistema publikoko medikuak ere irten dira karrikara, horra poliziak medikuen buruzagiari lepotik heltzen... Horrela milaka.
Troika deituak –Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak– greziarrei ezarritako hirugarren Memorandumaren biktimak dira. Syrizak agintea hartu berritan erreferendumean arbuiatu arren – Oxi! – are bertsio gogorragoan irentsi behar izan zuten murrizketa plan erraldoiarenak. Urte eta erdi geroago, ekonomialari burutsu askok aurreratu zuen moduan, Grezia iritsi da ataka berrira : ongizate gizartea goitik behera eraitsi arren, herrialdeak ezin die aurre egin zorrei. Negoziaketak korapilatu dira eta otsailaren 20rako adostasunera ez iristekotan, Grezia gera liteke Europatik kanpo . Ingelesek Brexit -a abiarazi aurretik, Grexit -a gertatu?
18 hilabetetan historiak Grezia hasierako lekura bueltan eraman balu bezala, Alexis Tsiprasek dio ez duela murrizketa gehiago onartuko –Troikak eskatzen dio zaharren pentsioak gehiago jaistea eta familiei zergak handitzea– eta Berlindik Wolfgang Schäuble finantza ministroak erantzun dio "edo bestela Grexit ".
Zazpi urte dira Greziari zor publikoak eztanda egin zionetik eta gauzak ez dira geroztik okertu baizik egin. NDF Nazioarteko Diru Funtsak aitortu berri du publikoki murrizketa guztiak estu konplitu eta are handiagoak ezarrita ere, Grezia lehertu egingo dela zorraren zamapean. "Greziako ekonomia ezingo da hazi zorraren arazoa konpondu ezean. (...) Bere zor balantzea jasangarria izan dadin, Europako hartzekodunek Greziari zorrak neurri handi batean barkatzea beste erremediorik ez dago".
Greziarrak leher eginda daude
NDFk autokritika egina zuen 2015ean, nahiz eta orduan barne idatzi batean izan. Hartan zioen Greziak mirakulu bat beharko zukeela aurreko gobernuek pilatutako zor erraldoia pagatu ahal izateko. Miraririk ezean, NDFko ikerketa taldeak proposatzen zuen hartzekodunek zorra barkatu eta austeritate fiskala ez areagotzea, horrek baimenduko ziolakoan herrialdeari kanpotik inbertsioak erakarri eta ekonomia berriro berotzea.
Alemania izan da aukera horri atea itxi diona, nagusiki bere herritar boto emaileek ez luketelako ontzat hartuko. Prentsa ekonomikoan erreferentzia den Bloomberg ek idatzi du: "Agonia ez da amaituko NDFk ez badu konponketa derrigortzen. NDFk eta bertan dirua jarrita daukatenek –europarrek eta iparramerikarrek– jatorrizko bekatu eta akatsak egin zituzten eta gero haietan mantendu. Orain ez da aski ' mea culpa ' esatearekin: egiazko erantzukizunak eskatzen die NDFren akziodunei zintzotasunez onartzea benetako galerak. Hau da, barkatzea Greziak NDFari dizkion zorrak eta uztea greziarrei eta europarrei anabasa honen soluzioa bilatzen".
Europako aginte nagusiak ez dira iritzi berekoak, Alemaniatik Wolfgang Schäublek urteotan markatu duen jarrera erasokorraren uberan doaz denak. Orain, gainera, ikusirik Europan eskuin muturrak hartu duen haizea, Schäublek harro esan dezake greziar alferrei beren zorrak pagarazteko taktikak fruitu onak ematen dizkiola Alemaniako eskuinari, lortzen duelakoan AfD ultraeskuindarrari hauteskundeetan bidea ixtea.
Alemania jarrera bortitz horretan egonik, eta Troika k urtarrilean murrizketa gehiago eskatuta, nola ulertu Tsiprasek esatea murrizketa bakar bat gehiago ez duela onartuko? 2015eko udako filmaz gogoratuta, pentsa liteke asteotan jokoa mugaraino eramanez arerioa bigundu nahian ari dela... azkenean tratu berriaren atal nagusiak onartzeko. Hori da posibilitate bat.
Bestea da Syrizaren gobernua benetan aritzea Grexit hipotesia lantzen. Herritar askok dagoeneko amore eman du Europarekiko bere itxaropenetan: Alco ikerketa enpresak plazaratu duen inkesta baten arabera, gehiengoa dira drakma utzi eta euroa onartzea okerra izan dela uste dutenak. Greziako pertsonalitate ezagunak ere ari zaizkio bultzaka Tsiprasi Europar Batasuna utzi eta pilatutako zorrak hartzekodunekin zuzenean negoziatu ditzan.
Yanis Varoufakisek Efimerida ton Syntakton egunkarian lehen ministroari eskatu dio kiebra aitortu eta negoziaketak hutsetik hasteko: "Bi atal horiek prestatzea da modu bakarra saihesteko epe laburrean Tsiprasek berriro atzera egin behar ez izatea eta epe luzean Schäublek bere plana burutzea". Ez da fidatzen Europatik gauzak hobetzen saiatzeko promesa egin izan duten beste politikari moderatuagoekin: "Jaun horiek badakite nola esan gezurra edo gezurretan ari ez direnean agindutakoa nola ez bete".
Greziarren herena txirotasunena bizi da, langabeziak %23a harrapatu du, emigrazioa izugarria da eta estatua ez da kasik izen hutsa baizik. Aldi berean, mugaz beste aldean Turkia ikusten da indarra erakusten, militar turkiarrak maniobratan Greziaren uharte inguruetan. Turkiako armadaren mehatxuak ere kontatzen du greziarren arten. Europa ere ohartuko da noizbait. | news |
argia-50049f2a84fb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/iruneko-haur-eskoletan-bertako-elikagaiak-sasoikoak-eta-ekologikoak-prestatzeko-bidean.html | Iru�eko haur-eskoletan bertako elikagaiak, sasoikoak eta ekologikoak prestatzeko bidean | Estitxu Eizagirre | 2017-02-09 00:00:00 | Iru�eko haur-eskoletan bertako elikagaiak, sasoikoak eta ekologikoak prestatzeko bidean
Udaleko 12 haur-eskoletako jantokiak kudeatzea udalak bere gain hartu du berriz. Menu osasuntsuagoak txertatzeko txostena eskatu dio INTIAri eta lan honek bertako ekoizleei garaiko elikagai ekologikoak zuzenean erostearen alde egiten du.
2017an udalaren esku geratu dira 12 haur-eskoletako 11 jantokiak (Jose Maria Huarte haur-eskola da salbuespena, egun erdiko zaintza soilik eskaintzen baitu, bazkaririk eman gabe). Orain arte 6 haur-eskola hauetako jantokiak Aibak enpresak kudeatzen zituen: Mendillorri, Hello Buztintxuri, Mendebaldea, Goiz Eder, Izartegi eta Hello Azpilagaña.
Osasuntsuagoa izateko, bertakoa
Menu osasuntsuagoak txertatzeko prozesua martxan du udalak, eta INTIAk (gaztelerazko sigletan, Nafarroako Agroekologiako Azpiegitura eta Teknologia Institutua) egin du proposamena aurkezten duen txostena.
Txosten honek ekoizleei zuzenean erostearen alde egiten du, bertako produktuak, garaian garaikoak eta ekologikoak lehenetsiz. Menuetan aldaketak ekarriko dituen produktu zehatzak proposatzen ditu.
Enpresek urrundik garraioz ekarritako elikagaien aldean, sistema berriak onurak ekarriko ditu bai osasunean, bai zaporean, bai gizartean, bai ingurumenean eta bai bertako ekonomian.
Kontratazio publikoan parte hartu ahal izango dute elikadura kate osoko enpresa txikiek, autonomoek eta irabazi asmorik gabekoek, "kontratu erreserba" bidez, beren neurri eta beteko duten funtziora egokituta.
Oinarrizko elikagaiak aldaketaren ikur
Txostenak dio oinarrizko elikagaiek protagonismoa eta kalitatea berreskuratu behar dutela. Ogia, esnekiak, olioa eta patata kalitate gorenekoak izan behar direla eta aldaketaren ikur gisa hartuko direla.
Hello Buztintxuri eta Donibane, aldatzen hasteko egokienak
Jantokia duten 11 haur-eskoletako sukaldeko langileekin eta zuzendaritzekin bildu da INTIA eta ondorioztatu du froga piloturako prestatuenak Hello Buztintxuri eta Donibane haur-eskolak direla. Lehen hilabeteetan, menu zehatzak diseinatu bitartean, orain arte bezala jarraituko dute.
Garestiagoa baina bideragarria
Haur-eskola hauetan menuak lau adin taldetan banatzen dituzte: edoskitzaileak (4tik 10 hilabetera), oinezkoak (11tik 19 hilabetera), ertainak (20tik 23 hilabetera) eta handiak (24tik 31 hilabetera).
INTIAren txostenak menu bakoitzaren bataz besteko egungo kostua eta proposatzen dituzten elikagaiak sartuta kostako litzakeenaren zenbakiak eman ditu: edoskitzaileen menua, batez beste, egun 0,762 euro da eta proposatzen dutena 1,057 euro lirateke.
Oinezkoena egun 0,186 euro eta proposatzen dutena 0,319 euro. Ertainena egun 0,319 euro eta proposatzen dutena 0,506 euro. Eta handiena egun 1,073 euro eta proposatzen dutena 1,468 euro. | news |
argia-5e55ac5f05c9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/anjelita-loidi-36ko-gerraren-lekuko.html | "Gerrate garaian ere jendea portatu zen, horratik!" | Miel Anjel Elustondo | 2017-02-19 00:00:00 | "Gerrate garaian ere jendea portatu zen, horratik!"
Hamabost egun Urgainen nobelak eman zion izen handiena Jose Antonio Loidi Bizkarrondori. Idazlearen jaiotzaren mendeurrenaren karietara mintzatu zen iaz Baztanen Euskal Nobela Beltzaren Astean haren arreba Anjelita Loidi. Nebaren gaineko jakingarriak emanez ari zela jabetu ginen beretik ere esatekorik franko zuela 100 urte beteak dituen emakumeak.
Aita, Florentino Loidi, zinegotzi abertzalea zen Errenterian gerra lehertu zenean.
Mikel Zabaleta historialariak egina du gure familiaren historia 1834tik aita 1955ean Irunen hil zen arte. Gerra aurretik, aita Errenteriko alkateorde zen, PNVkoa. Gerra etorri zenean, ihesi joan ginen, Bizkaira. Bidean, lehenengo Aizarnan [Zestoa] egon ginen. Handik, Ispasterrera, Bilbora eta, azkena, Turtziozera. Bilbon ginela, Errenteriko alkate errepublikanoa kendu edo zer edo zer egin zuten eta gure aitak izan behar izan zuen alkate. Errenteriko alkate izan zen, Bilbon geundela; "erbesteko alkate", esango genuke.
Errenteria utzirik, Bilbora joan zineten zuek ere, zuen ama eta anaia Jose Antonio?
Bai, aitarekin batera. Eta, konparazio batera, aita Gernikan zen bonbardaketa izan zenean. Garai horretan gu Ispasterren geunden, Arritola izeneko baserrian, Ereño ondoan. Bilbon bizi zen batena zen Arritola, udan erabiltzen zuen, eta gerratean errekisatu egin zioten. Guri han tokatu zitzaigun bonbardaketa guztia. Etortzen ziren aeroplanoak, ailegatzen ziren gure gaineraino, eta buelta ematen zuten. Halako batean, aeroplanoak gainean –gu garajean, mendi zuloan gordeta–, eta ikusi genuen paper pusketa txuriak botatzen zituztela. Alde egin zutenean, irten ginen eta ikusi genuen zer jartzen zuen papertxoetan: "Cuando las barbas de tu vecino veas pelar, pon las tuyas a remojar".
Zer entenditu zenuten zuek?
Kontuz ibiltzeko, hurrena guri botako zizkigutela bonbak. Gehiago ez ziren etorri aeroplanoak. Aitak autoa zuen, eta Ereñoko alkatearekin partekatzen zuen, Biritxinagarekin. Bilbora joan eta etorri ibiltzen ziren. Gernika bonbardatu zuten egunean, aita ez zela agertzen! Nonbait, Bilbotik bueltan zetozela, lehenengo bonbardaketak harrapatu zituen eta estolderian babestu ziren. Gero, aurrera egin zuten, eta bigarren bonbardaketak Gernikako Errenteria auzoan harrapatu zituen. Orduan, autoa kamino bazterrean utzi eta mendian gora jo zuten; pinu artetik ikusi omen zuten bigarren erasoa, suzko bonbena. Gu kezkatan geunden, Gernikatik gora kea ikusten genuen eta. Arratsaldean berandu ailegatu zen aita Arritolara, Biritxinaga Ereñon lagata.
Aitak kontatu zizuen Gernikako bonbardaketa.
Eta hurrengo egunean tropak Lekeition sartu ziren. Auzoan irratia zeukaten, eta horrela jakin genuen han ez geundela seguru, eta autoa hartu eta bi bidaia eginez joan ginen Bilbora. Goizeko ordu biak aldera irten ginen. Lehenengo bidaia gurasoek egin zuten, Joxe Antonio eta anaiarekin. Bitartean, ni Arritolan geratu nintzen zazpi bat mutilekin: Koldobika Mitxelena, Luis eta Julio Arozena anaiak, Boni Olaizola, nire lehengusu Jose Mari Loidi, eta Mutrikuko Ximon.
Gernikan zinen bonbardaketa biharamunean.
Hurrengo egunean, bai, goizean goiz. Dena zegoen zikina. Gernikan ez zen etxea eta kalea bereizten… Handik Bilbora, aitarekin. Joseba Leizaola, oraintxe hila, ezagutu zenuen?
Argazkia: Dani Blanco.
Bai.
Haiekin bizi izan ginen. Rikardo zuen aita, Jesus Mari Leizaola lehendakari izango zenaren anaia. Jesus Mari Leizaola ere osabatzat geneukan, andrea Maritxu Loidi zuen-eta, gure familiakoa. Rikardoren etxean bizi izan ginen tropak ia Bilbora sartu ziren arte. Orduan Turtziozera joan ginen ihesi.
Gerra historia zurea.
Eta historia horiek jaso zizkidan Pako Etxeberriak, Aranzadikoak, grabazioan. Horiek aditu nahi zituen. Beste kontu bat, gerratekoa: senarra ihes eginda zeukaten emakumeak oinez bidali zituzten Zumaiatik Bizkaiara. Gaztea nintzela, neskame bat izana genuen, Bitxori, Goizuetakoa. Mikelete batekin ezkondu zen, Zumaiara. Gerran, Bilbora joan zen mikelete hura, eta Zumaian geratu zen Bitxori bost umerekin. Tropak sartu zirenean, hartu emakumeak –Bitxori tartean–, eta oinez bidali zituzten Lekeitiora. Bitxori, konparazio batera, bost umeekin joan zen; txikiena, lau hilabetekoa zuen. Bilbon ginela, jakin genuen nola ari ziren emakumeak Lekeitiora iristen, eta hara joan ginen aita eta biok. Hantxe ikusi genuen Bitxori. Hartu eta Bilbora eraman genuen, senarraren ondora. Turtziozera joan ginenean, berriz, gurekin etorri zen, eta etxean lagundu zigun. Han izan nintzen elbarria.
Elbarria, zu?
Turtziozen. Frontea bertan zegoen, eta hantxe zegoen gobernua: Jose Antonio Agirre, Jesus Mari Leizaola… Manuel Irujo ez zegoen han, Bartzelonara alde egina zen zer edo zertara. Egun batean, gure lagun Joxe Migel Etxebestek esan zigun Basinagre auzoko halako baserritarrak esan ziola piku asko zeuzkala, eta joateko piku jatera. Joxe Antonio eta biok joan ginen, Joxe Migelekin. Ailegatu ginen baserrira eta piku arbolara igo eta hura astintzen hasi zen Joxe Migel, pikuak lurrera erortzeko. Pikuak biltzen ari ginela han non datozen aeroplanoak: bonba botatzen hasi ziren. Piku arbola erre zuten. Nik soinekoa nuen txuri-gorria, eta aeroplanotik gorria ondo ikusten zela esaten zutenez, txaketa urdin bat gainetik jantzi, makurtu, eta kolore gorria ezkutatzen saiatu nintzen. Baina bonba baten metrailak zangoa harrapatu zidan. Joxe Migelek hartu painelua eta torniketea egin zidan, odola ez nezan galdu. Nik anaia ikusten ez, eta haren kezka nuen: "Eta Joxe Antonio? Eta Joxe Antonio?". Ordu arte gure ondoan egon zena, ez zen ageri.
Eta non zen?
Hantxe ondoan zulo handi bat egon, eta hantxe gorde Joxe Antonio. Hura poza ikusi nuenean! Kamioi batean hartu eta Karrantzako bainuetxera eraman ninduten, han ospitalea eginda zeukaten eta. Orbana daukat ezkerreko belaunburua baino beherago. Metraila gordeta daukat. Bonba puska-puska egiten da, eta haize beroa izaten da, eta haize horren indarrak airean jaso eta geunden tokitik bi metrora bota gintuen. Egun horretan 36 lagun hil zituzten Karrantzan. Konparazio batera, gure ondoan soroan ari zen baserritarra hil zuten bonbek. Harrezkero, egunero hasi ziren bonbardaketak. Handik egun batzuetara, gudariak joan egin ziren Turtziozetik. Akordatzen naiz etxe paretik nola pasatu ziren, Eusko gudariak kantatuz. Han ziren Amaiur, Loiola… eta beste batailoiren batzuk. Santoñara joan ziren, han hartu zituzten preso.
Anjelita Loidik gordeta dauzka aitak
ihesi zebilela idatzitako gutunak. Argazkia: Dani Blanco.
Zure anaia Jose Antoniok kontatzen zuen gerra eta gero Orion egon zinetela gaztetan.
Osaba apaiza ez zen han, baina aitaren lehengusu propioa bai, Luis Loidi. Haiek lagundu ziguten; oso ondo portatu ziren. Bazuten etxe txiki bat hutsik, eta hantxe sartu ginen. Baina dirurik ez genuen, Joxe Antonio gaixorik, eta orduan, nik lana bilatu nuen Villabonako botikan; ordurako urte bat besterik ez zitzaidan falta ikasketak bukatzeko. Hiru urte egin nituen Villabonan bizitzen. Garai hartan ez zegoen oraingo telefono mugikorrik, eta eskutitzez hitz egiten genuen. Eta zer edo zer presazkoa bazen, halako orduan herriko telefono-zentralean geratzen ginen eta hitz egiten genuen Oriotik Villabonara eta Villabonatik Oriora. 1939an, "etsamin patriotikoak" izenekoak egin zituzten, nik ikasketak bukatu nituenean. Baina Villabonan bagenuen iloba bat, botika ikasketak bukatzeko urtea falta zuena, eta hari itxoiteko esan zidaten etxean. Hark bukatu arte zain egon, azterketa haiek egin eta Pasai Donibaneko botika erosi nuen. Orduan bazen San Sebastian bankua, eta hango zuzendariak ezagutzen zuen gure aita, familia ezagutzen zuen, eta botika erosteko mailegua eman zidan 1940an.
Zu Villabonan, botikan lanean, ama eta Jose Antonio Orion.
Bai, eta aita Frantzia partean. Turtziozetik Laredora jo zuen, eta Asturiasko herri batean bapore ingeles batean sartu eta Bordelera iritsi zen, beste askorekin batera. Handik, Kanbora. Urtebete egon zen han, hainbeste euskaldunekin: Azkarraga, Uruñuela… jende ezagun asko zegoen han. Kanbon zegoela, gerratik joandako umeentzako etxe bat prestatu zuten Armendaritzen, Jauregia esaten zioten etxean, eta hango administratzaile izendatu zuten. Hantxe egon zen umeen gurasoak joan eta jaso zituzten arte. Gordeak ditut aitak eskribitzen zizkidan eskutitzak.
Villabonako botikan hiru urtez aritu zen lanean eta ondoren
Pasai Donibanen erosi zuen bat. Argazkia: Dani Blanco.
Iaz aditu genizun kontatzen eskutitz horien istorio-historia Baztango (H)ilbeltza Nobela Beltzaren Astean.
Kar, kar… Gerra denboran, zentsura pasatuta bidaltzen genituen eskutitzak Villabonatik Oriora, eta Kanbora, eta Armendaritzera. Horrela, inork ez entenditzeko moduan eskribitu behar izaten genuen: Sagarra zen Gasteiz, Alarcón zen Madril, Turtzioz zen Castillo , Teruel zen las maletas , Katalunia zen Clavería … Aitak ere ez zuen sinatzen Loidi; beti "Alkorta", "Iturzaeta"… bigarren eta hirugarren deiturak erabiltzen zituen. Edo "El Arritolano", alegia, Arritolan bizi izan ginelako Bizkaian. Eta guk ere berdin egiten genuen, izenak asmatzen ibiltzen ginen. Gero, alemanak Frantziara sartu zirenean, galarazi egin zuten eskutitzak hemendik hara eta handik hona bidaltzea.
Baina bidali zenituzten, bistan denez.
Bai. Lehengusu txikia genuen Elizondon, Anita, eta eskutitza bidaltzen nion hari, baina barrenean beste bat, aitarentzat. Lehengusuak konfiantzako baserritar ezagun bati ematen zion eskutitza, eta hark halako arbolan uzten zuen, gordeta. Etortzen zen hurrengo baserritarra, hartzen zuen eskutitza eta eramaten zuen beste arbola batera. Eta, horrela, batetik bestera eginez ailegatzen zitzaion eskutitza aitari, Kanbora edo Armendaritzera, batzuetan Donibane Garaziko edo Bidarraiko postetxetik barrena, Frantziako seilu eta guzti ailegatzen zitzaizkion eta.
Hori zen eskutitzen historia.
Baina, behin, polizia batek, Espainiakoak, nire eskutitz bat harrapatu zion baserritar bati. Hark gure lehengusuaren izena eman, eta Anitak esplikazio bat asmatu behar izan zuen, esanez gure aita gaixorik zegoela, han ez zela politikarik… Uste dut sinistu ziotela, besterik ez genuen jakin, behintzat. Jakina, ezin genuen sistema hori gehiago erabili, eta nola edo hala jakin genuen arotz batzuk Orbaizeta Goikoan basoa garbitzen ari zirela. Mendian Frantziaren kontra-kontra zeuden eta erraz pasatzen ziren beste aldera, eskutitzak eramanez… Gerrate garaian ere jendea portatu zen, horratik! Bestela ez genuen bata bestearen berri jakiterik.
Harrigarria da nola gorde dituzun gogoan hauek denak.
Bai, denak harritzen dira. Ez dakit nola egin dudan ere. Azkena, egunkarian eskribitu zuten nire gainean, eta etxean haserretu egin zitzaizkidan: bi alaba botikario ditut, eta bi biloba ere bai, eta luze bizitzeko ez dela botikarik hartu behar esan nuelako haserretu zitzaizkidan etxean. Kar, kar… Ez nuen gerrateko historiarik kontatzeko asmorik, baina… Berri onak kontatu nahi nituen, berri onak besterik ez… | news |
argia-22858b210b48 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2542/lemoiz-ez-garona-ere-ez.html | Lemoiz ez, Garo�a ere ez | Juan Mari Arregi | 2017-02-19 00:00:00 | Lemoiz ez, Garo�a ere ez
Euskal Herritik oso gertu dagoen Garoñako zentral nuklearraren egungo egoerak Lemoiz ixtearen alde izan ziren mobilizazio urteetara garamatza.
Helburu hura lortu zen azkenean. Basordako kalan jarraitzen du zementuzko munstroak deseraiki gabe, eta erokeria nuklear hura erantzukizun faltaren eta ilegaltasunaren testigu isila da orain.
Garoñako zentrala 1971n jarri zen martxan eta 2011n bete zituen 40 urte. Orain PPren Gobernuaren erabakiaren zain dago, bere bizitza gutxienez 2031 arte luzatzeko. Espainiako Parlamentuan oposizioko alderdiak berrirekitzearen aurka azaldu dira. Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiek eta euskal jendarteak oro har, asmo horren kontrako iritzia erakutsi du. Eta gobernu demokratiko batek herritarren borondatea bere egin beharko luke. Baina esperientziak esaten digu gobernu askok –orain espainiarrak bezala– ez duela hori errespetatzen.
Garoñak sortzen duen mehatxu nuklearraren aurrean, nahitaezkoa litzateke, adostasun antinuklear zabala daukagun Euskal Herrian, mobilizazio handi bat josten hastea. Gobernuak, Parlamentuak eta euskal erakundeek esaten badute Garoña berriz zabaltzearen aurka daudela, jar daitezela manifestazio horren buruan. Duela urte mordo bat lortu genuen mobilizazioekin Lemoiz erabat gelditzea, orain gauza bera lortu dezakegu Garoñarekin, ez baita Burgosko kontu bat, Euskal Herriari ere bete-betean eragiten dio. Espainiako Estatu barruko beste herrialdeetako antinuklearrentzat elkartasun ikur ere izan daiteke –Frantziako Estatuko zentralak ere hor ditugu, ez ahaztu–, Garoña gelditzea aurrekari ona izan baitaiteke Almaraz, Ascó Cofrentes, Vandellós II eta Trilloko zentralak ixteko. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.