id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-1351319822db
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/50-urte-gure-greba-egin-genuela.html
50 urte "gure greba" egin genuela
Juan Mari Arregi
2017-05-16 00:00:00
50 urte "gure greba" egin genuela Egunotan , duela 50 urte, frankismo zapaltzaileenaren erdian, sei hilabeteko greba gogor bat amaitu zen AHVren esku zegoen Etxebarriko Laminación de Bandas lantegian: Francoren garaian egindako luzeena, 1966 eta 1967 artean. Nolabait, euskal langile mugimenduaren bilakaera markatu zuen. Greba hura liburutxo batean jaso zen, eta hor erakusten da bere 900 langileen borroka ez ezik, emazte eta senideek, ikasleen sektoreak, Elizak eta beste enpresetako langileek elkartasunez egindakoa. Horregatik da, "gure greba". Grebaren helburua zen langileentzako pizgarri ekonomikoak hobetzea lan erritmoak handitu zirelako; harridura eta haserrea sortu zituen patronalean eta gobernu frankistako kideen artean. Beren boterea zalantzan jartzen zuen mehatxu gisa ikusi zuten, eta hortik erantzun biolentoa: errepresioa, atxiloketak, erbesteratzeak, kaleratzeak... eta salbuespen egoera. Hala ere, langileek eta elkartasun sareak mugimenduarekin jarraitu zuten, 163 egunen ostean indarrez zapaldua izan zen arte. Grebak hainbat irakasgai utzi zituen. Ez zuen helburu ekonomikoa bete, baina diru-papur batzuk baino askoz gauza gehiago lortu zituen: frankismoko gobernu polizial eta armatuaren babesa zuen patronalaren aurrean, lortu zuen duintasuna mantentzea. Elkartasun sare oso bat osatu zuen, erresistentzia kutxa bildu, eta langileak auto-antolaketaz ahaldundu ziren. Kapital horrek guztiak etorkizuneko grebak egiteko balio izan du, bost langile masakratu zituzten 1976ko Gasteizkoa kasu. Bilboko Arte Ederretako greba edo Bizkaiko erresidentzietakoa, esaterako, iraganeko eta gaur egungo adibide dira, "gure grebaren" lorratza jarraitzen baitute.
news
argia-38d650ecba4f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/desparpajoa-eta-gogoa.html
Desparpajoa eta gogoa
Iker Barandiaran
2017-05-21 00:00:00
Desparpajoa eta gogoa Ea nondik hasten naizen... Gure arteko zenbait rock jaialditan emakume musikarien presentzia eza da. Jaialdioi boikota egiteko ahotsak zabaldu dira; norbera libre da hori egiteko, baina nire ustetan aproposagoa da programatzaile horiek ohartaraztea generoen arteko berdintasunaren lupa handitu dezaten. Arrazoizkoa eta egingarria iruditzen zait neurri batean, zer hobetu badago eta merezi du ahalegintzeak. Ahots batzuek esan dute musika talde bati buruz idaztean edo hitz egitean partaideak neskak direla aipatzea soberan dagoela. Helduko da, agian, egun bat emakumeek, gizonen parera, musikan eta beste esparru batzuetan parte hartzeko aukera izango dutena eta horren kontrako traba eta aurreiritziak desagertuko direna. Horren alde egingo badut ere, hori errealitate izan bitartean nik gustura asko nabarmenduko dut adibidez Perlata taldea hiru neskek eta mutil batek osatzen dutela eta neskak instrumentuak jotzen eta abesten ikusteak pozten nauela. Baita ere iaz lehenengoz ikusi eta entzun nituenean, emanaldiaz eta agertoki gainean erakutsi zuten jarreraz, gogoaz eta eskaintzaz asko disfrutatu nuela. Gazteak izanik ere, agertokian desparpajoz, gogoz abesten, zabaldu nahi duten mezua argi dutela, punkaren eraginpean eta melodiak lantzen aritzen dira, eta Arrasateko Gaztetxeari, literalki, ia su eman zioten. Zer gehiago eska diezaiekegu? Partaideak ez dira hasiberriak, aurretik Lost Girls, No Ways, Interprete Desconocido eta Neallta Fola taldeetan ibilitakoak dira, punk-aren eta rock-and-rollaren bueltan beti ere. Eta oraingoan ibilbide jarraikorragoa landu nahi dute. 2015ean sortu zuten taldea eta neguan Berrizko Lorentzo Records estudio beteranoan beraien lehen diskoa grabatu, orain kaleratu dutena.     Nondik hasi- k gizarteko askotariko indarkeriari buelta eman nahi lioke. Horretarako, Eskorbutoren erritmoaren gainean ziurtasunez abestu-errezitatzen dute. Gertatuko ez diren gauzak -ek ere errealitatearen gordintasunari so egiten dio, eta biolinak lagunduta folk kutsua hartu arren, punk-rock melodikoa da. Ingelesez sinesgarritasunez abestutako Shaking -ek NCC rock-and-rolleroenetatik zein glam-etik egarriz edaten du, Zirtasuna kolokan abesti borobila da, erritmo sarkorra duen punk-rock melodikoa. Metralleta -k karga poetiko handia du, sarkorra. Sorginen omenez sentikortasunez idatzitako Gorputzak ferekan punk-rock hit!a da. Don't touch me -k rock-and-rollaren patroiak ederto betetzen ditu. Eta Izarra aberatsa da: intro intrigantea, punk-rocka, tempo -erdiak eta indarra. Eta horri gehituko nioke neska taldeek zenbait kasutan azaleratzen duten freskotasun puntua.
news
argia-dcc7d4b58b38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/2030.html
2030
Joxerra Aizpurua
2017-05-21 00:00:00
2030 Azkenean, 2018an Ipar Koreatik jauzitako misil nuklearrak Japonia jo zuen bete-betean, izan ere, Ameriketako Estatu Batuetatik igorritako kontramisilak Japoniaren gainean lehertu zuen misil korearra, eta erradioaktibitatea lur-eremu oso zabalean barreiatu zuen. Donald Trump presidente estatubatuarrak Ipar Korea txikitu bazuen ere, orduz geroztik inguruko estatu guztiak, Txina barne, amaiezina dirudien gerran murgilduta daude. Honen eraginez, 2007tik 2017 bitartean izandako krisi ekonomikoa huskeria da orain jasaten ari garenarekin alderatuta. 2017ko udan Mariano Rajoyren gobernuak Garoña eta beste hainbat zentralen funtzionamendu aldia luzatu zuen, eta horretarako baldintza ekonomikoak eta funtzionalak izugarri arindu zituenez, Iberdrolak ere irekitzearen alde egin zuen. Aurrekari hori Espainiako gainerako zentralak irekita mantentzeko erabili zen, baina Europan eta munduan ere bide berari jarraitu zitzaion; 2020ko hamarkadan dozenaka izan dira zentralek izandako istripuak, baina zorionez, guk dakigula, Garoñan ez da gorabehera handirik izan. Rajoy, Macron eta Europako gainerako buruzagiek isilpeko hitzarmena sinatu zuten zentral nuklearrak irekita mantendu behar zirela adieraziz 2021ean Wikileaksek argitara emandako informazioak Europako gizarte osoa asaldatu zuen. Antza, Rajoy, Macron eta Europako gainerako buruzagiek isilpeko hitzarmena sinatu zuten zentral nuklearrak irekita mantendu behar zirela adieraziz; erabaki horren atzean arrazoi ekonomikoak baino gehiago, arrazoi zientifikoak omen zeuden, hala nola, zientzia ez zela gai fisio prozesu bati amaiera emateko, eta horren ondorioz, zentraletako guneak desmunta ezinak liratekeenez, estaltzea (hau da, mendi artifizial bat egitea) baino ez litzateke geratuko. Artean, gogoratu beharra dago  jada arazo larriak zeudela hondakin nuklearrekin, agintariek ez baitzekiten non gorde eta nola tratatu. 2023an Frantzian eta Alemanian zentral batzuk ixten hasi ziren, oso garbi adierazi gabe zer egin ote zieten hondakin nuklear horiei. Ipar Ameriketako unibertsitate baten ikerketa bati esker, duela bizpahiru urte jakin genuen AEBk eta Europako hainbat estatuk urteak daramatzatela hondakin nuklearrak satelite bidez espaziora bidaltzen. Berri honek, gori-gorian jarri zituen jada oso aldrebestuta zeuden mundu osoko estatuen arteko harremanak, eta XX. mendearen amaieran estatu askotan soldadutza kendu bazuten ere, bizi dugun aro honetan atzera egin eta derrigorrezko bilakatu da neska-mutilentzat, baita Euskal Herrian ere. 2028an alde egin genuen Euskal Herritik eta Guatemalako maien artean bizi gara ia 4.000 euskaldun. Mundua nola dagoen ikusita, ez gaude gaizki, zer jana eta zer edana baititugu. Gure umeak bertakotu dira eta euskara-maia-espainola nahasirik dituen kreolera moduko bat hitz egiten dute. Iraun baino ez dugu nahi.
news
argia-2738e01b774c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/zapatak.html
Zapatak
Itxaro Borda
2017-05-21 00:00:00
Zapatak Iragan astean, mendiko zapata berriak erosi ditut, izendatuko ez dudan kostalde oparo honetako kirol denda batean. Ez naiz alpinista, ez naiz itsuki gailurren lehian dabilen horietarik ere, maldetan gora eta behera ibiltzea maite duen hiritar hutsa baino: gustatzen zait hatsak nola urratzen dizkidan birikak, demagun Larrunen hondar malkarretan ernatzen naizenean. Iparla, Okabe eta Ehüjarre erantsiz osatzen dut nire tontor lauko kuttuna. Zapata onak behar ditut, hala ere. 2007an eskuratu nituenek denboraren buruan behatzak dolorez gorrituak uzten dizkidate, hertsiegiak baitira nonbait eta azken aldian Baiguratik lasterka jaistean, ezkerreko oineko hatzetatik bat ubelduraz beltzatu zitzaidan. Aldaketarik ez nuen egin 2012an, ez dakit orain zergatik. Garrantzitsuak dira oskiak, maitaleak eta aukeratzen ditugun lehendakariak bezain. Oinetakoetan, erosotasuna hobesten dut hautua egiteko orduan. Oinak aske sentitu behar du, hegietan minik nabaritu gabe, arintasuna, zabaltasuna eta aniztasuna biderkatuz eta bermatzeko gai izan patarra gogortzen denean. Zango punta, izpiritua bezala, ez da itxikeria, tepu edo usain txarretan kartzelatzen ahal. Beste bost urteren bakea ziurtatu dut.
news
argia-f8608e210eb8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/mari-puri-herrero.html
Arrotza norbere etxean
Xabier Gantzarain
2017-05-21 00:00:00
Arrotza norbere etxean Emakumea delako, bere garaiko korronte nagusiari bizkar eman ziolako, beti oso libre ibili delako, auskalo zergatik, Euskal Herriko artearen historiak bazterrera utzitako artista horietarik da Maria Purificación Herrero Martínez de Nanclares (Bilbo, 1942ko abenduaren 10a), artista izenez Mari Puri Herrero. 75 urte beteko ditu aurten. Agertzen da liburuetan, bere lana badago museoetan, ez da ezezaguna, baina ahaztu samartuta daukagu aspaldian, ez zaio eman merezitako lekurik, erakusketa handirik, ikerketarik. Jose Julian Bakedanok egin zuen bere ordura arteko lan grafikoaren katalogazioa 1982an, Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitaratu zuen katalogoa: grabatzaile ona izan da, ezbairik gabe; bere galbahetik iragazi ditu jasotako eraginak, Goya batenak, Ensor batenak, espresionistenak, eta bere mundura ekarri ditu, eta bere mundua gurea da. Grabatuetan zuri beltzean ia beti, ilunago, zorrotzago, zuzenago ere bai akaso, pinturan berriz pintzelkada arinagoz, kolore biziek zapart egin arte, konposizio orekatuz oro har baina elementu durduzagarriren batekin, eta hala ere mundu bera da azkenean Mari Puri Herreroren lanetan agertzen dena: taldean ere bakarrik dagoen jendea, ekaitza lehertu aurretiko isiltasuna, bertan egonda ere zer gertatzen ari den jakin ezin duen jendea, hitz batean esateko: arroztasuna. Harridura, misterioa, ironia, batzuetan tristura. Figurazioa egiten duela esango genuke, horrekin ezer esaten ez dugula jakingo ez bagenu. Berak esana da: "Koadro guztiak dira abstraktuak". Donostian hasi, Madril, Amsterdam, Parisen ikasi, obra eder bezain harrigarria du Mari Puri Herrerok. Jende batek beharbada 1978an Marijaia sortu zuelako ezagutuko du. Beste batzuk ezta horregatik ere.
news
argia-15ed84031ffd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/bruno-carrere-uztaritzeko-auzapeza.html
"Etxe promotoreekin latz borrokatu behar izaten dugu"
Mikel Asurmendi
2017-05-21 00:00:00
"Etxe promotoreekin latz borrokatu behar izaten dugu" 1962, Baiona. Herria bizi dadin! taldearen izenean hamar urtez oposizioan egon ondoren, Uztaritze Bai hautagaitzaren izenean herriko auzapeza da: "Lurraren Antolaketa eta Garapenerako proiektua berritzea (PLU), ingurumena zaintzea (Agenda 21), arlo finantzario zailari buru egitea eta euskararen eragileekin sinatutako akordioak bermatzea ditugu xede nagusi. Egonkortu eta garatzeko beste hiru urte behar ditugu. Hurrengo agintaldian hemen egotea espero dut, mandatu honetan abiatutako proiektuak bururaino eramateko", erran digu Bruno Carrerek. Duela hiru urteko udal hauteskundeetan, uztariztarrek Herriko Kontseilua berritu zuten: Uztaritze Bai talde abertzalea hautatu zuten. Antzina, Lapurtarren Biltzarra Uztaritzen zegoen. Frantziako Iraultza ondoren euskal instituzio politikoa galdu zuten herritarrek. Abertzaleak Herriko Etxeko kontseiluan gehiengoa dira 2014tik: "Aldaketa handia izan da. Aurreko auzapeza Dominique Lesbats izan zen [zentro-eskuina], guk oposiziotik lan asko egin genuen. Orain, hogeita hiru kide gaude alde batean eta hiru oposizioan. Arretaz begiratuak gara herrian, alde batetik zein bestetik. Gure emaitzen beha daude". Erran nahi baita: "Herria Bizi Dadin elkartean denak ez dira abertzaleak; Uztaritze Bai-n ere ez. Hala ere, ados jarri gara hainbat puntutan: Euskal Herriaren identitatean, euskararen koofizializazioan... Erdibidean, hor nonbait. Ez da asko ez gutxi, abiatzeko manera aurkitu dugu. Gero horiek gauzatzea zailagoa da, bistan da. Horiek horrela, proiektua denon artean atera behar dugu aurrera". Zein izan da udal taldearen erronka nagusia orain arte? Lehena alde finantzarioari dagokio: Uztaritzek bi milioi euroko zorra dauka, guk hori hartu dugu. Beraz, lehentasuna hori gutxitzea da. Adibidez, hori oztopo handia da etxebizitza bultzatzeko. Etxe promotoreekin latz borrokatu behar izan dugu, etxebizitzen altuera edo proiektuen handitasuna apaltzeko. Bestalde, herri-lanak berritu behar izan ditugu karriketan eta parkingetan. Diru-zorra hain handia izanik, halakoetan sartzea urrats zaila izan da, baina aurrera goaz. Hirigintzaz ari garela, Lurraren Antolaketa eta Garapenerako proiektua (PLU) hizpide, zein dira arazoak zehazki? Legeak etxebizitzaren %20 soziala izatea exijitzen du 2020 urterako. Hori ongi da, baina gu dilema batean sartuta gaude: Uztaritzek lur eremu txikia du, eta bizitoki publiko horien heinera iristeko lur gehiago behar da. Etxe pribatuen eskaera handia da eta aldi berean legea bete behar dugu.   Etxebizitzaren afera dela eta, zenbait herritar ez omen dira kontent, artean zuek sostengatu zaituzten batzuk.   Normala da. Alta, kontuan hartu behar da erakin horietako asko aspaldi proiektatuak zirela. Gure taldea Herriko Etxean sartu aitzin baimenduta zeuden. Proiektuak oraingo PLUn daude eta guk ezin dugu horien kontra egin. Herriak hautatua da eta araua aplikagarria. Aldatu daiteke, baina legeek ez dute berehala uzten egiten, mekanismoak aldi zehatz baterako finkatuta daude eta. Musu Gorriko Bordako proiektuak eman du zer errana. Bai, bertan badago operazio bat martxan; PLUk babestua. Guk diogunez, aurreko legealdietan biziki atzeratua geratu zirela etxebizitza sozial eta pribatuen arteko portzentajea. Atzerapena kontuan hartzen ez badugu ez dugu legearen %20 harrapatuko. Guk portzentaje hori baino gehiago igotzen dugu operazio bakoitzean, etxebizitza sozialaren %40 heinean ari gara. Musu Gorriko Borda etxaldea, bere lur eremua barne, hirigunetik urrun samar dago. Aurreko auzapezak eta Herriko Kontseiluak 135 etxebizitza eraiki nahi izan zituzten bertan. Gure ustez, lekua ez  da horrelako operazioa egiteko egokia, beraz, proiektua gelditu eta konkurtso bat abiarazi dugu kabalen hazkuntza eta proiektu Bio baten aldekoa. Hiruzpalau ustiatzaile jar litezke eremu horretan. Oraingoz bi laborari hurbildu zaizkigu, eta beste bat badago eskaintza hartzeko.   Higiezinen agentziek eta enpresek agindu nahi dute, beraz. Lagun batek behin errana: [batimenduetan] batitua den auzapeza batituta dago. Uztaritze, ikusi batez, ongi kokatuta dago. Kostaldetik hurbil, barnealdera bidean... Alabaina, herriaren muga handiena lur eremu eskasa izatea da, gure arazoetako bat hori da. Uztaritze herri pobrea da, ez dago lantegirik, jendea kostaldera desplazatzen da; uztariztarren %75-80k kanpoan lan egiten du. Mugikortasuna horregatik da gai gaitza, ez dugu geurezko finantza iturririk, baina mugitzen direnen beharrak ase behar ditugu.    Ez da erraza gobernatzea... Eraikitzeko lurraren antolatzea ez da erraza. Uztaritzeko konfigurazioa zaila da: alde batean Errobi (La Nive) ibai-aldea dago, ezin da eraiki uholdeen arriskuak direla eta. Bestaldean, mila hektarea baso dago, babestuta. Beraz, oso lur gutxi dugu ekonomia garatzeko edota industria plantatzeko. Garraioa hizpide: Uztaritze leku berezian dago, baita bertatik iragan den bidea ere. Barnealderako bide nagusiak Uztaritze zeharkatzen du. Kari horretara erreusitu dugu herriko saihesbidea egitea [Pirinio] Departamenduko kontseilariarekin akordatu ondoren. Beraz, kanpoaldeko bidea proiektuan dago eta horrek lagunduko du hiriguneko autoen arazoak gainditzen.   Garraio komunari dagokionez ez dago deus berririk. Hobetzen saiatzen gara, eskuduntzak Departamenduko edo Erregioko sailen esku daude, haiei galdatzen diegu etengabe, baina mugikortasuna ez da hobetu. Badago tren geltoki bat ere, baina ez da erregularki bidaiatzeko antolatua. Baionako Ipar geltokira heldu da –hirigunetik lekutan–, baina ordutegiak ez daude egokituta. Kontseilariek ahaleginak egin arren, ez dituzte herritarren beharrak ase. Autobusak badaude, baina ez dira ere lantokietara behar diren orduetan iristen. Adibidez, nik busa hartuko banu lanera joateko, ordu bat beharko nuke iristeko; arratsaldeko 19tan lana fini eta itzuli berriz. Agenda 21 delakoak agintzen duena nola kudeatzen duzue?   Agenda 21 aski berria da uztariztarrentzat, baita Herriko Etxearentzat ere. Baditugu gure abantailak hala ere, auzo-komite asko sortu baita azken urteetan, bost komite lanean ari dira uneon. Elkarrekin gogoetatzen ari gara eta hainbat gaietan aurrera goaz: energia ekonomikoari dagokionez fotovoltaikoak ezarri ditugu, auto elektrikoentzat terminalak ere bai. Hondakinei buruz ari gara gogoetatzen eta gaia lantzen orain. Errobi Elkargoko partaide izan zarete orain arte. Nola kudeatzen duzue hondakinen afera? Errobi Elkartearen barnean izanda ere, gu saiatu gara harago joaten. Hondakinak Canopia Zentrora igorri gabe, ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatzen gara, hori da gakoa. Gu ez gaude Bil eta Garbi Sindikat-aren barnean. Hondakinak xehatzeko sistema jarri dugu abian, hondakinak tratatzen eta tasatzen ikasten ari gara, gure helburua elkarte eta eskolekin zaborren gaineko heziketa lantzea da. Garapen Sostengarriaren Astea antolatu dugu eskoletan maiatz honetan. Beharbada ez gara inor baino hobeki eginen, baina bide urratzaileak izan nahi dugu. Horren emaitza bigarren agintaldian ageriko da. Industria izan gabe, agian, errazago al da ingurunea zaintzea? Ez dugu industriarik, baina industriak bere alde ona ere badu, dirua baitakar. Industria izanik ere, ikasi behar dugu ingurumena zaintzen. Uztaritzen 7.000 bizilagun gara, %10 langabezian dago. Nola lagundu? Guk ez dugu eskuduntzarik ez arlo horretan. Arlo horretako taldeak laguntzen saiatzen gara herri elkartekin batera, baina diru iturririk ez badugu, nekeza da.      Herri Elkargoari oposizioa fini da. Ipar Euskal Herriko instituzioa eratu da, herritar guztiei laguntza bera ematen saiatuko dena Bestalde: Herriko Etxeak zer politika du euskarari buruz? Egiari zor, gure politika eskasa da. Aurreko legealdietatik datorren kontu bat da, ez da inoiz gauza handirik egin, aurreko Udal Kontseiluek ez zuten landu euskararen arloa. Herriko Etxea elebiduna bihurtzea ez da aise, baita posta elebiduna izatea ere. Agente guztiekin ari gara haatik. Hasteko Herriko Etxeko hamabi enplegatuak ari dira euskara ikasten, ni barne. Aurreratzen ari gara. Bestalde, Uztaritzen bost eskola daude, 600 inguru ikasle ari dira: ikastola, eskola pribatu elebiduna eta beste hiru publikoak. Hauetako bat elebiduna, beste biak ez. Helburua da denak elebidunak izatea. Oro har, erronka handia dugu etorkizunean. Uztaritze Errobi Elkargoaren hamaika herrietako bat izan da orain arte. Urtarrilaz gero hau desagertu da eta Herri Elkargoa abian jarri. Nola joan da trantsizioa? Errobiko hamaika herriek Herri Elkargoa sortzearen alde bozkatu zuten. Luze joan da. 1.000 eragile izan dira lanean. Orain egitura berrian egokitu behar dugu. Proiektuak definitu behar dira, hartutako bidean jarraitzeko. Herri Elkargoko Kontseilu Eragilearen kultura arduraduna zara. Zer-nolako geroa ikusten diozu instituzio berriari? Euskal Herriaren nortasuna bermatzeko eta geure administrazioa eraikitzeko aukera emanen digula euskaldunoi. Agian ez da behar genuen guztia, mugatua da, baina hori da lortu duguna. Inportanteena da Euskal Herri mailako proiektuak eraiki ahal izatea. Hizkuntza eta kultura babestuago izanen dira, eta ekonomia, etxebizitza eta garraioa hobeto landuko ditugu. Aldi berean, Hegoaldeari begira jarri gara elkarrekin. Aldaketa handia da. Nola baloratzen duzu Baionako auzapez Jean-René Etchegaray-ren lana? Bera gakoa izan da. Baionak munta handia du Euskal Herrian eta Herri Elkargoan. Baionako Herriko Etxeak aldeko boza eman izan ez balu, Herri Elkargoa ez zen izango. Etchegaray-k proiektua lehenik aitzina eraman du Euskal Kosta-Aturri aglomerazioan. Borrokak izugarrizko izan dira, baina gainditu ditu. Barnealdeko zenbait herrietan ere opozisioak izan dira. Barthelemy Aguerre kontseilari nagusiak, Elkargoak herri txiki eta handien arteko desoreka eraginen duela argudiatu du. Helegite administratiboak jarri dituzte. Bai, baina horien oposizioa fini da. Lasai gaude alde horretatik. Herri Elkargoa abian da, Ipar Euskal Herriko instituzioa eratu da, herritar guztiei laguntza bera ematen saiatuko dena. Kostaldekoek gu hartzen gaituzten barnealdekotzat eta barnealdekoek kostaldekotzat. Guk, alta, kontu horri aldekotasunak aurkituko dizkiogu. Lortu behar duguna da partekatze orekatua eta egokia, gai eta sail guztietan; denontzat lagungarria izanen dena.
news
argia-e4c739fb1e3e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/vogue-ko-azaletik-hitlerren-bainura.html
'Vogue'-ko azaletik Hitlerren bainura
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-05-21 00:00:00
'Vogue'-ko azaletik Hitlerren bainura Munich, 1945eko apirilaren 29a. Lee Miller eta David E. Scherman argazkilariak Hitlerren apartamentuan sartu ziren. "Helbidea urtetan poltsikoan gordeta izan nuen" adieraziko zuen gero Millerrek. Hitlerren bainugelan, arropa erantzi eta bainuontzian sartu zen Miller. Schermanek argazkia atera zion, botak parean zituela, ordu batzuk lehenago bisitatutako Dachau kontzentrazio esparruko lohiaz zikinduta. Baina ez zuen lortuko han ikusitakoak bainuan garbitzea. Gau hartan Hitlerren Municheko apartamentuko ohean egin zuen lo Millerrek. Adolf Hitlerrek biharamunean egin zuen bere buruaz beste, Berlinen. Elizabeth Miller Poughkeepsien (New York) jaio zen 1907an. 19 urte zituela auto batek harrapatu zuen ia, Manhattaneko kale batean. Condé Nast Vogue aldizkariko editoreak lagundu zion ezbeharra saihesten, eta, ezustean, modelo karrera abiarazten. Hurrengo urtean, 1927ko martxoaren 15ean, Lee Millerren aurpegia Vogue -ko azalean agertu zen, George Lepapek marraztuta. Edna Woolman Chase aldizkariko editore buruarentzat Milerrek "neska modernoa" irudikatzen zuen, eta hurrengo bi urteetan New Yorkeko modelo preziatuenetakoa izan zen. Lee Miller 1920ko hamarkadaren amaieran, 'Vogue' aldizkarirako egindako argazkian. Modelo lanaz nekatuta eta kameraren beste aldean aritzeko nahiak bultzatuta, 1929an Parisera joan zen. Man Ray artistaren estudiora iritsi eta "zure ikasle berria naiz" esan omen zion. Man Rayk ez zuen aprendizik hartzeko ohiturarik, baina, berehala, haren ikasle, modelo, musa eta maitale bihurtu zen Miller. Pablo Picasso, Paul Éluard eta Jean Cocteau ezagutu zituen, besteak beste, Pariseko egonaldian. 1932an itzuli zen New Yorkera. Argazki estudioa jarri zuen han, eta lan enkarguak proiektu artistiko surrealistekin uztartu zituen handik aurrera. Bigarren Mundu Gerrak Londresen harrapatu zuen argazkilaria, Roland Penrose senarrarekin bizi zela (hura ere artista surrealista). Londresko Blitz -aren argazkiak atera zituen, eta ingurukoen kezkei jaramonik egin gabe, Vogue -ko gerra korrespontsal akreditazioa lortu zuen. Pariseko liberazioa eta Alsaziako gudua, Saint Maloko napalmezko lehen erasoa eta Buchenwald eta Dachau kontzentrazio esparruak fotografiatu zituen. 1977an hil zen Ingalaterran, minbiziak jota, 70 urte zituela, eta gerran bizi izandakoek eragindako estres post-traumatikoa erabat gainditu gabe.
news
argia-00e5dc22ce8a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/elikadura-sexismoa-brontze-aroko-txinan.html
Elikadura-sexismoa Brontze Aroko Txinan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-05-21 00:00:00
Elikadura-sexismoa Brontze Aroko Txinan Txinako erdialdeko lautadan, Ibai Horiaren arroan aurkitutako hainbat giza hezur aztertu dituzte, isotopo egonkorren analisiaren bidez. Eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian jakinarazi dutenez, gizonezkoek eta emakumezkoek dieta oso desberdina zutela ondorioztatu dute. Emakumeek garia eta garagarra jaten zuten nagusiki eta gizonek, aldiz, animalia jatorrizko produktuak. Beraz, emakumeei nutrizio balio txikiena duten elikagaiak uzten zizkieten eta haien hezurrek, ia 3.000 urte geroago, dieta kaxkarrak eragindako osasun arazoak erakusten dituzte oraindik. Hil ondoren ere jarraitzen zuen diskriminazioak, emakumezkoen hilobiak askoz apalagoak baitziren.
news
argia-aee704161045
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/erraustegiaren-izaera-sinbolikoa-eta-kaleko-eztabaida-agerian-utzi-ditu-olanok-lanen-hasieran.html
Erraustegiaren "izaera sinbolikoa" eta kaleko eztabaida agerian utzi ditu Olanok lanen hasieran
Estitxu Eizagirre
2017-05-10 00:00:00
Erraustegiaren "izaera sinbolikoa" eta kaleko eztabaida agerian utzi ditu Olanok lanen hasieran Maiatzaren 10ean aurkeztu dute Donostiako erraustegia eraikitzeko lanen fasea eta proiektua Asensio Ingurumen Diputatuak, Markel Olano Ahaldun Nagusiak eta Urbaserreko ordezkari Carlos Abiliok. Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta herritarrek kontzentrazioa egin dute erraustegi-lanetarako bidearen ertzean. Olanoren diskurtsoan agerian geratu da Gipuzkoan erraustegi proiektuak eragiten duen eztabaida, "kalearen eskaerei" erantzutera bideratu baitu hitzartzea. Abiliok azaldu du 81.000 tona errefus "beste instalazioetatik" ekarriko dutela (erretzea aurreikusten dutenaren herena). Legegintzaldia amaitzerako "lanak bukatuta eta martxan" egongo dela azpimarratu dute. "Gau eta egun ari beharra dago hemen lanean, total, hemen ez dugu inor molestatzen" entzun dugu kasko zuria jantzitako kargu bat besteari esaten, argazkiak ateratzeko egin duten paseotxoan. Olano: "Kaleak eskatzen digu berme guztiekin egitea" Bideoan ikus daiteke osorik Markel Olanok euskaraz egin duen hitzartzea. Gipuzkoak "eztabaida amaiezinen lurraldea" izateari utziko diola azpimarratu du, politikara gauzak eraldatzeko sartzen dela bat, hitz eman zutela erraustegia egingo zutela eta hitza beteko dutela. "Kaleak eskatzen digu ingurumen baldintza onenekin egitea" hitzekin ekarri du erraustegiak dakarren protesten oihartzuna, eta egingo duten erraustegiak eskaera horiei erantzungo diela esan du. Gaztelerazko hitzartzean esan du erraustegi proiektuak "izaera sinbolikoa" duela Gipuzkoan eta hitzeman du "oso gardenak" izango direla errauste plantari dagokion alor denetan eta erraustegi hau mundu mailako erreferentzia izango dela iragarri du.     81.000 tona "beste instalazioetako errefusa" izango da Abiliok eman ditu eraikuntza epeen eta hondakinek jasoko duten prozesuari buruzko xehetasunak. Epeei dagokienez, hurrengo hilabeteetan lur mugimenduak egitea eta urrian zimenduak jartzeari ekitea aurreikusten dute. 2019an bukatzea hitzeman dute. Aurkeztu duen ikus-entzunezko txostenak 31 hilabeteko lanak azaldu ditu astez aste. Hondakinen prozesu orokorra aurkezterakoan, datu hauek eman ditu: Erraustegiak 200.000 tona erretzeko gaitasuna izango du. Gipuzkoako errefusen 163.000 tonari lehenik tratamendu mekanikoaren bidez 12.500 tona hondakin birziklagarri kenduko zaizkio, ondoren bio-lehorketaren bidez 37.500 tona baporatuko dira eta labean erreko dira 113.000 tona errefus. "Beste instalazio" batzuetatik 81.000 tona errefus ekarriko direla erretzera zehaztu du. Errausketaren ondoren, batetik, 6.500 tona errauts eta bestetik 45.000 tona zepa sortuko dira. Asensio diputatuak goizean Euskadi Irratian adierazi du errautsak obra publikoetan zabalduko direla. Eguerdiko aurkezpenean, Abiliok iragarri du zepak "tunelaz bestaldera" egingo duten "zepen balorizazio plantan" tratatuko dituztela. Ondoren nora joango diren ez du inork aipatu. Urtean 160.000 megawatt-ordu sortuko dituela iragarri dute. Hondemakina batekin irudikatu nahi izan dute lanen hasiera. Ez dugu beste langilerik ez makinariarik ikusi. (Arg: Dani Blanco) Aurkezpeneko Abilioren azalpen asko ingurumenerako hartuko dituzten babes neurriei buruzkoak izan dira. Egungo legedia, legedi horrekin konparatuta pleguek eskatu dituzten baldintzak (parametro erdietan zorrotzagoak legedia baino), eta pleguetako baldintzek markatutako emisioak baino askoz murritzagoak bermatzen dituztela adierazten duen grafikoa erakutsi dute. Erabili duten diseinuan, azpimarratu dute erraustegiak "malgutasun handiena" izango duela hondakin kopuru eta mota oso ezberdinei erantzuteko. Eraikiko duen enpresa eta honek azpikontratatutakoak Erraustegia eraiki eta kudeatuko duten enpresa sareen organigrama erakutsi du Abiliok: Ekondakin S.A. izango da erraustegia egin eta kudeatuko duena. Ekondakin osatzen duten enpresak hauek dira: Urbaser, Meridiam, LKS Mondragon, Altuna y Uria, Moyua eta Murias. Ekondakin S.A.k, erraustegia eraikitzeko lanak Zubieta Aldi Baterako Enpresa Elkarteari azpikontratatuko dizkio. Eraikuntzan Steinmuller Babcok enpresa alemaniarrak izango duen parte-hartzea nabarmendu dute. Kudeaketa, berriz, Ekobal Aldi Baterako Enpresa Elkarteari azpikontratatuko dio.   Maiatzaren 27an Errausketaren Aurkako Eguna Inaugurazio ekitaldia salatzeko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak kontzentrazioa egin du goizean. Maiatzaren 27rako, Errausketaren Aurkako Eguna deitu dute Zubietan. Protesta egin dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta. (Arg: D. Blanco)
news
argia-716a1dcf3218
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/euskarabildua-jardunaldiak.html
Demokrazia eta teknologia burujabetza
Xalba Ramirez
2018-11-11 00:00:00
Demokrazia eta teknologia burujabetza Urriaren 25ean Donostiako San Telmo Museoan Euskarabildua jardunaldien zazpigarren edizioa egin dute Iametzak eta Ametzagaiña taldeak. Gobernu Irekietarako teknologiei buruz aritu dira hizlariak: software askea, teknologia burujabetza, parte-hartzea, open data eta gardentasuna. Herritarren eta erakunde publikoen arteko harremanei buruz, azken batean. Hitzek, maiz, erabiliaren erabiliaz zentzua galtzen dute, edo behinik behin, eraldatu egiten dira. Demokrazia hitza ezin da berdin ulertu Brasilgo hauteskundeak irabazi berri dituen Bolsonaroren edo herrialde horretako Lurrik Gabeko Langileen Mugimendu MSTren ahotan, adibidez. Antzekoa gertatzen da Gobernu Irekia, gardentasuna edo parte hartzea bezalako hitzekin. Batzuetan, badirudi erakunde batek izan dezakeen 426 milioi euroko aurrekontutik, herritarrek hainbat proiekturen artean bi milioi euro non gastatuko diren aukeratzeak, parte-hartzea bermatzen duela. Baina hala al da? Euskarabildua jardunaldian arreta jarri zaio hitzetik harago dagoen praktikari: nola harremantzen dira erakunde publikoak eta herritarrak? Zein paper du teknologiak harreman honetan? Jarraian gaia aurkezteko egindako bideoa. Gobernu Irekia software askearen mugimenduaren filosofiatik abiatuta sortutako ikuspegi politikoa da. Kontzeptua 70eko hamarkadaren amaieran sortu zuten Ingalaterran. Gobernuaren sekretismoaren aurrean, irekitzea eta herritarren parte-hartzea ziren helburu nagusiak. AEBetako presidente ohi Barack Obamaren gobernuak 2009an egindako Open Government memoranduma aurkeztu zuenean Mendebalde osoan jarri zen bogan gai eta kontzeptu hau. 2011ko plazen okupazio mugimenduek kontzeptuari bultzada eman zioten, eta instituzioei kritika sakona egin zien, Espainiako Estatuan adibidez, ordura arte zegoen kontsentsua hautsi zen "ez gaituzte ordezkatzen" leloarekin. Gardentasuna, lankidetza eta parte-hartzea Gobernu gardenak erakundearen kontu-ematea bermatzen du herritarren aurrean, egiten ari denaren eta bere asmoen informazioa ematearekin batera. Gaian adituek diotenez, edozein administrazio publikok, modu sinple eta argian, informazio publiko horretarako sarbidea bermatu behar luke, modu honetan herritarrek gobernuaren jardunakontrola dezaten. Gobernu kolaboratiboak lortu behar du herritarrak eta bestelako eragileak erakundearen lanean inplikatu eta konprometitzea. Elkarlanak herritarrekin zein enpresa, elkarte eta bestelako eragileekin kooperazioa dakar alde batetik, baina baita bere funtzionario eta bestelako administrazioekiko harremana ere. Azkenik, gobernu parte-hartzaile batek, alde batetik, herritarrek politika publikoen sorrerak aktiboki parte hartzeko eskubideari ematen dio bide, eta bestetik, erakundea herritarren ezagutza eta esperientziatik elikatzera gonbidatzen du. Beraz, herritarrek gai publikoetan duten inplikazioa eta protagonismoa handitzeko jardunak sustatzen ditu, era honetan indar politikoak herritarrekin indar handiagoz konprometituz. Hiru zutabeak elkarrekin lantzea da arrakastaren gakoa. Gardentasun atariak edo parte hartze prozesuak ez daitezen partzialak izan eta utopismo digitalean eror ez gaitezen: demokraziak, agian internetek eskaini ditzakeenak baina denbora, mimo eta presentzia handiagoa eskatzen duelako. Zentzu horretan gaian adituek diote, erakunde publikoek ez luketela nahasi behar parte-hartzea eta klik egiteko aukera azkarra. Eñaut Gracia Errenteriako Udaleko Informazio Gizarte, Informatika eta Parte Hartze zinegotzia izan da administrazio barneko dinamiketan zorrotzen begiratu duen hizlaria, edozein aldaketa aurrera eramateko oztopo izan daitezkeela gaineratuz. Zentzu horretan udaletako sailen artean dagoen borroka, Game of Thrones telesailarekin parekatzera iritsi da: "Jarrera pertsonalen eta instituzioetako harremanen aurka ari garelako dira zailak aldaketak. IKTek horretan lagun dezakete, zailtasun horien aurrean palanka eginez". Aragoiko Gobernuko Partaidetza, Gardentasuna, Lankidetza eta Boluntariotzaren arloko zuzendari Raul Olivanek, LAAAB Berrikuntza Demokratikorako Laborategia aurkeztu du Euskarabilduan. Olivanek ere azpimarratu du demokraziak berritzen eta zaintzen ez badira, arriskuan egon daitezkeela. Design Thinking metodologietan oinarritzen dira herritarrak ko-sorkuntzan inplikatzeko: "Administrazioaren gaur egungo erronka nagusia diseinua da, ez marken diseinua, baizik eta zerbitzuen diseinua". Hego Amerikako hainbat ikertzailerekin batera egindako Hacking inside liburua argitaratzear daudela aurreratu du Olivanek: nola sartu erakundeetara birus troiar baten moduan, eta nola hackeatu barrutik. Teknologia burujabetzaz Software askeaz gain, teknologia askeak landu behar direla aldarrikatu zuen Xabier Barandiaran EHUko irakasleak, Bartzelonako Udalerako garatutako Decidim.org plataforma eredu jarrita. Software askea, hainbat printzipiotan oinarritzen da: teknologia eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu egin daiteke. Teknologia burujabetza ordea, ez da lan egiteko modu batez ari, ezta lizentziez ere: geroz eta enpresa pribatu gutxiagok duten kontrol erraldoitik ihes egitea da kontua. 2006an Microsoft zen munduko enpresa handienen artean zegoen enpresa teknologiko bakarra. Gaur munduko lehen bost enpresak dira teknologikoak: Apple, Alphabet, Microsoft, Amazon eta Facebook. Silicon Valley-en nagusi den ideologiaren arabera, enpresa teknologikoetako langileek "mundua hobetu" nahi dute –dirua egiteaz gain–. "Horren atzean ongizate estatuak ordezkatzeko estrategia bat dago, zerbitzuak Google bidez eskura ditzagun. Turismo bulegoak laster desagertuko dira, Google Maps eta Trip Advisor -ekin nahikoa dugulako". Jakina da, Maquiaveloren garaitik –eta kartografia garatu zenetik– mapak lurraldeak konkistatzeko edo kontrolatzeko sortu zirela. "Munduko maparik handienaren jabea Google da", gogorarazi zuen Barandiaranek. "Kapitalismo teknologiko honek larritu beharko gintuzke", Barandiaranen ustez, bereziki erakunde publikoez aritzeko orduan. "Alternatiba badago, eta hobea da: mundu osoan elkarlanean ariko diren herritarren teknologia librea". Informazio gaindosia eta datuak Datu irekien sozializazioari buruz hitz egin zuten Open Data Euskadiko arduradun tekniko Imanol Argüesok, Deustuko Unibertsitateko irakasle Miren Gutierrezek eta Hirikilabs-eko programa koordinatzaile Ibai Zabaletak. Miren Gutierrezek baleontzien ibilbide datuak jasotako hainbat bisualizazio erakutsi zituen: "Datuen bisualizazioari esker informazioa era antolatuan aurkez daiteke, ulergarri eginaz bestela milaka zenbaki baino ez direnak". Datuak eskuratzeko moduez aritu da eta datuen publikotasuna defendatu du, herritarren anonimatua arriskuan jartzen ez den kasuetan, behintzat. Horrez gain, datuen gaineko akzio demokratikoaren alde agertu da, datu publikoak eta irekiak sortzeko prozesuan bertan parte-hartzearen garrantzia azpimarratuz. Ibai Zabaletak Hirikilabs-en hainbat egitasmoren berri eman eta besteak beste Airbnb-ren efektua aztertzeko antolatu zuten tailerra aurkeztu zuen. Lan hori egiteko datuak web scraping bidez eskuratu zituzten, hau da, webguneetako informazio publikoa erauziz. Zabaletak adierazi zuen ezin izan zutela frogatu Airbnb-ren zabalkundeak hiriko alokairuen prezioan eragin zuzena izan zuenik, izan ere, datuak ezin izan zituztelako alokairuen prezioekin erkatu. Honelako esperientziek garbi erakusten dute ez dela nahikoa datu publikoak izatea, baizik eta horiek landu egin behar direla eta garrantzitsuagoa dena, datuak elkarren artean konparatzeko eta erkatzeko aukera egon behar dela, edozein irakurketa oso egin ahal izateko. Miren Gutierrez: "Jendea hackerren beldur da, ni askoz gehiago kezkatzen nau AEBetako Gobernuak" Datuak eta informazioa edukitzea, boterea izatea da. Egun, ordea, inoiz baina datu gehiago sortzen ari gara, batez ere, geolokalizazio eta komunikazio digitalaren ondorioz. Datuen negozioaz gain, pribatutasuna erronka nagusi bihurtzen ari da: "Jendea hackerren beldur da –dio Gutierrezek–, baina ni askoz gehiago kezkatzen nau AEBetako gobernuak". Librea da euskal softwarearen territorio bakarra iAnire izeneko euskarazko testuak irakurtzeko gai den fikziozko pertsonaia teknologikoa aurkeztu zuen Xabier Barandiaranek. Estrategikoki egin beharreko apustua burujabetza teknologikoaren bidetik egin behar dela azpimarratu zuen. "Horren aldean beste irtenbidea Siri , Alexa edo Google Assistant euskaratzea da eta hori ez da batere ona burujabetzarako". Marko Txopiteak ideia honetan sakondu zuen, hizkuntza teknologien alorrean euskaraz dauden eta libreak diren proiektuak aurkeztuz jardunaldietan. Merkatuaren zain egongo balitz euskaraz hitz egingo duen teknologia, garapena ez dela inoiz gertatuko ziurtatu zuen Txopiteak. "Euskaldunok teknologia hauek nahi baditugu, guk geuk, modu librean eta auzolanean sortu behar ditugu". Ahots errekonozimendurako teknologia librea osatzea helburu duen Common Voice Mozillaren proiektua aurkeztu zuen. Egitasmo hori 73 hizkuntzatan dago martxan eta Librezale euskarazko moldaketak prestatzen ari da. Une honetan jendearen parte-hartzea eskatzen ari dira, euskarazko audio grabaketa publikoen corpus erraldoia osatu ahal izateko. Euskarak teknologia aurreratuetan lekua izango badu, eta Euskal Herrian eredu demokratiko, garden eta parte-hartzaileak sustatu nahi baditugu, software eta teknologia burujabetzan urratsak ematea ezinbestekoa izango dela argi geratu zen jardunaldiotako hizlariak entzunez. Besteen esku dauden jakintzen menpe geratuko da komunitatea bestela.
news
argia-b20e27d2145f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/lezo-urreiztietak-egin-ez-zuena.html
Lezo Urreiztietak egin ez zuena
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-11-11 00:00:00
Lezo Urreiztietak egin ez zuena Santurtzi, 1907ko urriaren 16a. Lezo Urreiztieta Rekalde kontrabandista, mugalaria eta Jagi-Jagi nahiz ELAko kidea jaio zen. Txikitatik, aitaren itsasontzia izan zuen eskola eta hamar urte betetzerako kontrabandoan ari zen. 1981ean hil zen Baionan eta bere bizitzan egindakoak sinestezinak dira, literalki. Berriki, Josu Martinezek Donostiako Zinemaldian estreinatutako Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalean jaso du Urreiztietak egindakoa eta, zuzendariak berak aitortu duenez, muntatzaileak galdetu omen zion ea editatzen ari zen hura dokumental  faltsua ote zen. 1934ko Urriko Iraultzan parte hartu zuten 826 pertsona atera zituen Asturiastik, Ipar Euskal Herriko kostaldean salbu utzita. 1948an ere Asturiastik atera zuen maki talde bat eta Bordelera eraman. Tartean, Urreiztietak ehunka eta ehunka lagun salbatu zituen. 1936ko Gerran, frankistek Bilboko portuan ezarritako blokeo estua 14 aldiz gainditzea lortu zuen. 1936ko irailaren 24an soilik, 60.000 fusil eta 60.000.000 kartutxo eta esku-bonba sartu zituen. Bigarren Mundu Gerran ere arma kontrabandoan aritu zen, nagusiki estatubatuarrentzat. Hauek guztiak 1975 eta 1978 urteen artean izandako hainbat elkarrizketetan kontatu zizkion Urreiztietak Martin Ugalderi. Guztira, 35 ordu inguru grabatu eta gorde zituen kasetetan eta hori izan da Josu Martinezen dokumentalaren oinarria. Baina Urreiztietak kontatutako abentura eta balentria guztiak, harrigarriak izanik ere, bestelako iturriek baieztatzen dituzte. Hala ere, ez zuen nahi zuen guztia lortu; bi proiektu bete gabe utzi zituen. Bata Franco hiltzea izan zen. Indalecio Prieto buruzagi sozialista eta lagun minaren babesean, Madrilen egon zen diktadorearen atzetik, baina Donostiako udaldiak egokiagoak iruditu zitzaizkion proiektua gauzatzeko. Aieteko jauregia helikopteroz bonbardatzea ere pentsatu zuen, baina azkenean jauregi azpiko tunel bat lehergaiz betetzeko plana jarriko zuen abian. Plana bertan behera geratu zen 1962an, Prieto hil zenean. Bestalde, 1950eko hamarkadan Urreiztietak Euskal Herria aske izateko itxaropen gutxi zuen. Euskaldunak tokiz aldatu eta beste nonbait Euzkadi Berria sortzea bururatu zitzaion. Mexikoko Guadalupe uhartea horretarako toki aproposa iruditu zitzaion: bertan ez zen inor bizi eta, gainera, uharteak Euskal Herriko kostaldeak adina kilometro zituen, gutxi gorabehera. Irlaren mapa bat marraztu eta bertan euskal hiriak kokatu zituen. XX. mendeko pirata bizkaitarra Lázaro Cárdenas Mexikoko presidentearekin bildu zen proiektua abian jartzeko, baina ez zuen aurrera egin.
news
argia-2cfba1a40475
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/mendiak-eta-basoak.html
Mendiak eta basoak
Jakoba Errekondo
2018-11-11 00:00:00
Mendiak eta basoak Insignis pinuari eraso dioten onddoek hankaz gora jarri dute Bizkaiko eta Gipuzkoako basogintza. Azken ia mende batean gorabehera handirik gabe moldatu den basogintza osoa kolokan jarri dute onddo xixtrin batzuek. Xixtrin baino gehiago, ziztrin esan beharko dugu, izan ere, a zer dantza piztu eta puztu duen: basozaleak, teknikariak, administrazioak, basozainak, ingurumenzaleak, muintegiak, egurzaleak, paper fabrikak, altzarigileak... Geurea bezalako herri batean basogintza politikak estrategikoa izan beharko luke. Ehundaka urtean hala izan da. Euskal Herriaren bilakaera ekonomikoaren oinarri-oinarrian izan da basoa: itsasontziak egiteko, eraikuntzarako, su egurretarako, ikatzetarako, larreetarako eta bazkatarako, elikadurarako, lanabesetarako, saskigintzarako, burdingintzarako, inaurkinetarako, ur hornidurarako, ehizerako eta abar luze baterako. Basoaren kudeaketa oso epe luzerako estrategietan ehuntzen zen. Maila guztietako administrazioek eta elkarteek basogintzaren atal eta alorrak arautzen eta zaintzen zituzten. Zorrotz asko! Baldinbaitere, jendarte osoaren bizimodua mendiaren emanean funtsatua zen eta. Izan ere, mendia ez baitzen soilik basoa. Jendartearen behar horiek guztiak asetzeko, basoarenaz harago mendiari buruzko ikuspegi global eta borobilago bat zuten. Denek. Horrek liskar ugari sortu izan du. Ikazkinak, artzainak eta ganaduzaleak, ontzigileak, nekazariak, administrazioak eta abar bakoitzaren etekinen onurarako borrokalekua izan da mendia, mendea joan mendea etorri. Mendiaren aprobetxamenduaren gaineko auziak jasotzen dituzten dokumentuz gainezka ditugu agiritegiak. Denak mendiari tiraka, jetzi eta bildu! Horrexegatik, udalek herri ondare garrantzitsuena bezala zaintzen zituzten mendiak, herri-mendiak. XIX. mendeko pobreziaren eta gerrateen ondorioz herri-lurrak saldu beharrean izan ziren alkate eta zinegotzi haien etsipena eta tristura irudikatzea ez zait batere zaila egiten. Mendeetako ondarerik garrantzitsuena. Petrolioa azaldu zen arte. Petrolioak, bultza eta bultza, ekonomiaren, eta, hortaz, jendartearen ipularrera eraman du mendia. Mendia eta basoa. Eta onddo ziztrin batzuek ireki dizkigute begiak. Epaitegietako agirietara ez dadila iritsi, baina gaur egun ere etorkizun oparoa nahi badugu, den-denok elkarrekin aritu beste aukerarik ez zaigu geratzen. Liskar, auzi, etsipen, tristura eta abarrekoak alde batera utzi eta biharko mendia sortzeari ekin. Izan ere, mendea joan eta mendea etorri, XXI.ean gaude!
news
argia-62c414203346
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/pere-ortega-gerrak-armak-eta-gu.html
"Herritar guztiok dugu erantzukizun maila bat ekialde erdiko gerretan"
Xabier Letona
2018-11-11 00:00:00
"Herritar guztiok dugu erantzukizun maila bat ekialde erdiko gerretan" Jamal Khaxoggiren auziak berriz eta gordin ekarri du lehen planora estatuen arteko arma trafikoaren gaia. Hainbat estatuk iragarri dute utziko diotela Saudi Arabiari armak saltzeari, baina ez Espainiak. Pedro Sanchezek ahoan bilorik gabe aitortu du bi herrialdeak lotzen dituzten interesak Khaxoggi auziaren gainetik daudela; hau da, itzulpena eginda, interesak armek eragin ditzaketen heriotzen gainetik direla. Zabaldin (Iruñea) eman duzun hitzaldiaren titulua da: "Hango gerrak hemen abiatzen dira". Zergatik? Gure hezkuntzarekin, gure erakundeekin, gure bizimoduarekin… horrekin guztiarekin erantzukizun maila bat dugu hango gerrekin, zuzenean edo zeharka. Atzo bertan Espainiako Kongresuak erabaki zuen jarraitzea armak saltzen Saudi Arabiari; beraz, salmenta horrek eragina izango du Ekialde Erdian eta bereziki Yemenen. Estatuko iritzi publikoa ez denez egoera horren aurka jartzen, herritar guztiok dugu erantzukizun maila bat hango gerretan, zeharka bada ere. Zenbatekoa da munduaren gastu militarra urteko? Gobernuek ematen dituzten datu ofizialen arabera, bilioi bat eta 750.000 milioi euro, hau da, munduaren BPGaren %2,3. Kosmetikoetan askoz gehiago gastatzen dugu, akaso bikoitza, baina ez da berdina, diru batek apaintzeko balio du eta besteak hiltzeko. Zenbat pertsona hiltzen dira urtean diru horrekin? Urtearen arabera da hori, baina batez beste 50.000 bat pertsona. Gerra Hotza amaitu zenean, 1992an, 32 gatazka armatu ziren munduan, gaur egun 33. Ez dugu asko hobetu. Antzeko baliabideak   bideratzen ditugu ekonomia militarrera eta horra badoa ez doa gastu sozialera. Ekonomia ez produktiboa da hori. Espainiako Estatuak, berbarako, 20.000 milioi euro bideratzen ditu gastu militarrera: mila milioi atzerriko parte-hartzeetara eta gainerakoa balizko eraso batetik defendatzera. Arma salmenta edo milaka lanposturen galera. Hori saltzen zaio herritarrari. Hori gezurra da. Industria militarrean diru asko xahutzen da I+Gn, etengabe aurreko armen kalitatea hobetu behar delako, baina horrek gero ez du eraginik industria zibilean. Ikerketa on asko dago esaten duena industria militarrean dagoen lanpostu bakoitzeko hiru sor daitezkeela industria zibilean. Bestetik, ikuspegi etikoa dago, onartezina da herrialde batzuei armak saltzea, hauek beren herritarrak erreprimitzeko edo beste herrialde batzuetako herritarrak hiltzeko. Armak lanpostuen truke onartzen duten herritarrek, langileen nazioarteko elkartasun printzipioa galdu dute. Zein da enpresa militarraren joera Espainian? Lehen gehiena Estatuarena zen, baina zati bat pribatizatu da. Saudi Arabiarentzat Cadizen korbeta itsasontziak egiten dituena, adibidez, Navantia da, Estatuarena. Francok 1948an sortu zuenetik, enpresa honek urtero diru asko galtzen du, 2016an 140 milioi euro adibidez; duela hamar urte 7.000 langile zituen, gaur egun 4.000. Estatuaren ontziola guztiak itxi ziren, militarrak salbu. Hamar urtetan Navantiak 700 milioi euro galdu ditu, beraz, askoz eraginkorragoa litzateke diru hori industria zibilera bideratzea. Arma lasterketak ez du zentzurik, ez ekonomikoki ez etikoki. Horrez gain, herritarrok badakigu zertarako diren arma horiek eta ez zaigu inporta? Hala da, bai. Orain adibidez, Saudi Arabiak Yemeni egiten dion blokeoagatik 7,4 milioi pertsona gosez edo gaixotasunez hiltzeko arriskuan dira, eta Espainiak salduko dizkion korbetek balioko dute itsas blokeo hori areagotzeko. Hori onartezina da, gobernuak ez du printzipiorik, etikarik, eta beraz, horrek egoismorik gordinena dakar. Argazkia: David Sanchez (Ekinklik) Txina eta AEBetako ekonomia gatazka handi horrek ekar dezake gerra militarra? 2020an, 2021ean edo oso laster Txina izango da munduko lehen potentzia ekonomikoa, AEBen aurretik. Gaur egun, Asiako Ekialdean da mundu mailako ekonomia produktiboaren muina. Beraz, liskarrek gora egingo dute, baina ez dut uste, batzuek dioten gisan, Hirugarren Mundu Gerra izango denik. AEBek hasitako "terrorismoaren aurkako gerra" hori aspaldi hasi zen eta gatazka itzelak ekarri ditu: Afganistan, Irak, Libia, Siria, Yemen… eta noizean behin guregana ere iristen dira atentatuak. Hala ere, atentatu terrorista horien %99 hango herrialdetan gertatzen da, %1 iristen da Mendebaldera. Sustraietara jota bakarrik geldi daiteke gerra hori, baina Mendebaldeak ez du nahi. Eta egoera borobiltzeko Donald Trumpek iragarri du bertan behera utziko dituela Sobiet Batasunarekin sinatu zuen irismen ertaineko eta luzeko misil nuklearren akordioa. [Mikhail] Gorbatxov eta [Ronald] Reaganen arteko akordioak zioen NATO ez zela ekialderantz zabalduko, baina Gerra Hotzaren amaieraz geroztik NATOk ez du besterik egin, Europako ekialdeko herrialde ia guztiak bereganatuz. Horrez gain, AEBek hautsi dituzte misilen erasoez babesteko sistemak ez eraikitzeko akordioak eta Errusia halakoz inguratu dute. Eta orain mehatxu hau. Betetzen bada, armagintza lasterketa berri bati ekingo zaio, eta Errusia ez da atzean geratuko. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den, nire ustez Trumpentzat Putin etsaia baino aliatua baita. Dagoeneko ez al da hasi jada berrarmatze hori Txinan, Indian, Errusian…? Txinak asko indartu du bere armada, bereziki itsas armada, Afrika eta Hego Amerikatik datozkion lehengaiak babesteko, baina ez da erori AEBek jarri nahi dioten armagintza nuklearraren garapenaren amarruan, edo espazioaren lasterketan… badaki sekulako dirutzak xahutu beharko lituzkeela eta ez dago prest. Hori gertatu zitzaion Sobiet Batasunari. Bai, eta horrela hondoratu zen. Orain Errusiak aliantza indartsua landu du Txinarekin, Indiarekin eta Iranekin, eta han "Mendebaldearen aurkako" bloke bat eratu da. AEBek eta bere aliatuek ez dute samur izango munduko hegemonia militar eta ekonomikoari eustea. Beraz, uste dut, erregio mailako gerrekin jarraituko dugula, baina ez potentzien artean zuzenean, horrek gaur egun humanitatea desagerraraz dezake eta. Kataluniara etorriz, uneren batean ikusi al duzu gatazka bortitzaren arriskurik. Ez, inoiz ez. Urriaren 1eko erreferendumaren aurka Espainiako Gobernuak bideratutako errepresioa gogorra eta mingarria izan zen, baina horrez gain, ez dut ikusi biolentzia arriskurik. Zentzuzkoena litzateke aldeen arteko akordioa, eta honen arabera Kataluniako herriak hautetsontzietan erabaki ahal izatea zer nolako etorkizuna nahi duen. Hori bilatu beharko lukete alderdi independentistek, aldebakarreko bideak orain arteko akatsen errepikapena ekarriko du eta. Edozein modutan, preso eta erbesteratuen gaia konpondu arte ez da erraza irtenbide bat bilatzea, baina saioa egin beharko lukete eta bereziki Pedro Sanchezek.
news
argia-900e1867a4eb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/kili-kili-tik-argia-ra-gogor-diskoaren-50-urteak.html
'Kili-kili'-tik 'Argia'-ra: 'Gogor' diskoaren 50 urteak
Urko Apaolaza Avila
2018-11-11 00:00:00
'Kili-kili'-tik 'Argia'-ra: 'Gogor' diskoaren 50 urteak Melaminazko mahaien egur iluna hautsak hartuta dago Kili-kili aldizkariaren Bilboko Goienkaleko erredakzio zaharrean. Armairu baten barruan, alanbre oxidatuz itxitako 40x40 cm inguruko kaxatan sartuta aurkitu dugu altxorra: Gogor diskoak. Duela 50 urte Derioko seminarioko itxialdia egin zuten abadeek grabatu zuten diskoa, borroka luze hark iraun bitartean abesten zituzten doinuekin. Baionako Agorila zigiluak argitaratua –2012 CDan berrargitaratu zuen–, frankismoaren kontrako erresistentziaren ikur bilakatu zen berehala. Baina zer egiten zuten diskoaren binilozko 700 ale baino gehiagok Kili-kili -ren egoitzako armairuan gordeta? Aldizkariaren sortzaileaz pare bat berba egin behar historia hau ulertzeko. ''Kili-kili' haurrentzako aldizkaria zenaren egoitzan, Bilboko Goienkale edo Somera kalean, 'Gogor' diskoaren 700 ale inguru topatu dituzte Jose Antonio Retolazaren senideek, lehenago Basauriko zulo batetik erreskatatuak. Horri eskerrak, klandestinitatearen eta jazarpenaren ondorioz banatu gabe geratu ziren binilozko diskoak eskuragai jarriko ditu berriz ARGIAk bere komunitateko kideen artean, 50 urte geroago. Jose Antonio Retolazaren magnetofoia Jose Antonio Retolazak (Bilbo, 1929-2014) txikitan galdu zuen euskara, baina bere kabuz berreskuratu zuen, Gasteizko seminarioan. "Eliza eta euskara izan ziren beti bere bidea", dio Etxahun Galparsoro haren suhi eta Lazkaoko Beneditarren artxiboko teknikariak. Hala, 1959an Arrazolan abade zebilela, berak antolatu zuen lehen aldiz meza euskaraz, eta 60ko hamarkadan Kili-kili pertsonaia sortu zuen Bilboko San Anton elizako katekesiaren babespean, haurrak euskaraz alfabetizatzeko, gerora komiki aldizkari ezagun bihurtuko zena. Retolazak elizaren hierarkiaren kontra joatea hautatu zuen, eta 1960an Francoren kontrako 339 abadeen gutuna sinatu zuen. Hala "hondatu" zuen eliz karrera, bere lagun kutun Juan Uriartek ez bezala: "Firmatu izan baleust gaur ez zan gotzain izango", dio autobiografia liburuan oraindik Donostiako gotzain emeritu denaz. 1968an Derioko okupazioa gertatu zenean, on Klaudio Gallastegi San Antongo abade ezaguna seminarioraino eraman ohi zuen Retolazak autoan, itxialdian zeudenei meza emateko. Eta berekin batera Grundig magnetofoi handi bat ere bai. Dirudienez, makina horretan jaso zituen abade errebeldeen lehen abestiak. "Baina diskoa ez zen seminarioan grabatu", argitu digu ziur Xabier Amurizak (Etxano, 1941). Derioko borrokaren inguruan testigantza bat uzteko helburuz sortu zen diskoaren ideia, behin itxialdia amaituta: "Pentsatu genuen bildu behar zela talde bat kantatzeko esperientzia genuenon artean, 20 edo 25 izango ginen, eta grabazioa Zornotzako karmeldarren komentuan egin zen". Camarade-curé Atzean mezu politikoa zuten euskarazko kanta liturgikoak jaso zituzten, baita bertso sorta ezagunak –edo Amurizak itxialdiaz egindakoak– eta bogan zeuden abestiak ere, Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi ospetsua adibidez. [Bilduma osoa hemen entzun daiteke ] Hain justu, azkeneko doinu honen gainean ahotsa jarri zuen Colette Magny kantari ezkertiar frantziarrak, handik bi urtera diskoa bere eskuetara iritsi zenean. "Apez laguna, zigortu zaituzte / Baina zure zigorra herriak beregain hartu du eta jujatu / Izendatua den apez berriak ez du nehor izanen mezan", dio Camarade-curé abestiak frantsesez. Orain, kanta horren genealogia eta euskal abadeen historia oinarri hartuta, dokumentala estreinatuko du Pierre Prouveze zinegileak. Itzul gaitezen 1968ra. Behin grabazioa eginda, haren masterra Ipar Euskal Herrira eraman zuten Amuriza eta Retolazak, azkeneko honen mini-morrisean , eta haiekin on Klaudio: "Errespetua sor zezakeen norbait behar genuen muga pasatzeko eta abade hura, bere 150 kilo eta sotanarekin, pertsona egokiena zen", gogoratzen du Amurizak. Jendarmeek alto emanagatik lortu zuten kopia hura Telesforo Monzonen eskuetan uztea. Xabier Amuriza: "Pentsatu genuen bildu behar zela talde bat kantatzeko esperientzia genuenon artean, 20 edo 25 izango ginen, eta grabazioa Zornotzako karmeldarren komentuan egin zen" Amuriza eta Derioko beste abade asko jadanik Zamorako kartzelan zirela ikusi zuen argia Gogor diskoak 1969ko maiatza inguruan. Erabat klandestinoki zabaldua eta guztiz jazarria izan arren –poliziak haren atzetik ibili ziren etxe partikularrak eta baita Euskaltzaindiako egoitza miatuz ere– oihartzun handia izan zuen. Ez zen meza soil bat, zapalduta zegoen herri baten garrasia baizik. ARGIAk zabalduko ditu Urte askoren ondoren, Julian Goikoetxea izeneko lagun bat hurbildu zitzaion Iñaki Egurrolari kalean. Egurrola Euskerazaleak elkartekoa izanik – Kili-kili hasieratik babestu zuena–, esan zion bazuela beraiena zen gauza bat. Burdina lantzeko Basauriko tailer batean, pisu handia zuen mahaia ezkutuko palanka batez mugitu zitekeela deskubritu zuten eta haren atzean zulo bat: han zeuden 12 hatz-beteko LP biniloak. Halaxe eraman zituzten Kili-kili -ren egoitzara. Berrogeita hamar urteren ondoren, frankismoaren errepresioaren ondorioz egiteke geratu zen lana amaituko du ARGIAk, eta disko horiek zabalduko ditugu gure komunitateko kideen artean. Durangoko Azokako standean izango dira eskuragai, baita gure webgunean ere ( azoka.argia.eus ).
news
argia-8328df8255cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/oroitzapen-eta-talde-lanaren-emaitza.html
Oroitzapen eta talde-lanaren emaitza
Iker Barandiaran
2018-11-11 00:00:00
Oroitzapen eta talde-lanaren emaitza Abenduaren 25ean jaio eta su hartuko du panpin diaboliko delako batek eta berarekin mundu guztiak. Hala omen dio galbidean dagoen kristau sekta erraldoiaren kondairak; eta hala izan behar badu, hobe sekta suntsitzaile horrek gu guztiok hondoratu aurretik amildegiaren ertzetik azkar igaro eta ahal den heinean sektakoei kontra egitea. Ideia horren bueltan ari zen jatorri katalana duen Alex Montiel (HHH taldeko kide ohia), 2000. urtearen inguruan Donostian, 25th Coming Fire musika taldea abiarazi zuenean. Tantaka funtzionatzen du hardcore talde honek, agertu eta desagertu egiten da, baina pazientziari eutsi eta adi egonez gero, tarteka sorpresa atseginak eskaintzen ditu. Hain zuzen ere, kostatu zitzaien estreinatzea, baina behin pausoa emanda, diskografia mamitsua batu dute: 2008an Reduced ; Zinc talde madrildarrarekin diskoa erdibana 2009an; Bitterness 2010ean; No one is here to take your call… leave your message at the tone 2014an; Franco goes to Hollywood EPa 2016an; eta aurten, esku artean dudan Remains of the remains lana, boskotearen historian ezinbesteko mugarria bilakatu dena. Donostiar horiek AEBetako hardcore eta punkaren ikur garrantzitsu izandako Poison Idea talde borobilaren abeslariarekin, Jerry A-rekin, kontaktua izan zuten eta harremana estutu ahala elkarrekin diskoa egitea erabaki zuten. Esan eta egin, oroitzapenen oroitzapenetan oinarrituta baina gaur egun dagoenari zaplazteko ederra ematen diona. Disko luzea egin dute, Euskal Herrian Bonbereneak argitaratua eta AEBetan American Leather Records-ek. Esan beharra dago 25th Coming Fire Euskal Herriko hardcore taldeen artetik altxor ezezagunenetakoa dela. Hasierako urteetan partaide aldaketa dezente izan zituzten baina behin egonkortuta emankor dabil taldea, nahiz eta oso zuzeneko gutxi egiten dituzten. Bada, Jerry A-rekin batera osatu duten proiektua borobil-borobila da. Taldea sasoi onenean dago, kantek badute AEBetako iraganeko hardcore-punketik, New Yorkeko eskolatik, melodikoagoak diren patroietatik, baina entsalada oso trinkoa da, askotan bortitza, eta Amaia gutxietsi gabe Jerry A-k pisu handiagoa ematen dio. Azaroan Euskal Herrian kontzertu gutxi batzuk emango dituzte… eta zaila izango da errepikatzea!
news
argia-fba0c371fda7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/prekarioen-errealitateak.html
Prekarioen errealitateak
Endika Alabort Amundarain
2018-11-11 00:00:00
Prekarioen errealitateak Agintariek estatistika zerbitzuek eskaintzen dituzten datuak era baikorrean irakurri dituzte. Bai langabezia, bi digituetako zenbakia atzean utzi baitu, baita hazkunde ekonomikoa, nahiz eta joera beherakorra den. Nire lanbideko hainbat kideren analisia antzekoa da, krisia atzean utzi dugula, kontratazioa gora egin duela, enplegua arin lor daitekeela. Baina, nire iritziz, krisiak gizartean egin duen haustura oso handia eta larria da. Gizartearen zati hazkor bat oinarrizko eskubide sozialik gabe geratzen ari da, azken hamar urteetan pairatutako Errezesio Handia dela eta. Enplegua eta familia bateragarri egiteko politiken artean, lan jardunaldi murriztapena dago; baina lan merkatuan emandako aldaketak direla eta, egia esan, langile askok ez dute eskubide hori bermaturik: behin-behineko kontratu prekarioak lotzen dituen emakume batek badaki bere eskubidea eskatzerakoan, ez diotela kontraturik berrituko. Haurra izatea buruan badu, enplegua galtzeko arriskua handia da. Demagun emakume horrek etxebizitza bat alokatu nahi duela, bankuek noski, ez diote hipotekarik salduko eta. Gero eta sarriagoa da berme bat eskatzea eta merkatu librean dauden etxebizitzen prezioa urtez urte puztuz joan da. Lan prekarioek, soldata baxukoak eta behin-behinekotasun handikoak, ez dute gurasoen etxetik ateratzea errazten. Elikagai ekologiko eta arropa etikoa kontsumitzea nahi izango du. Baina enplegu prekario hauekin, soilik txatar-sasi-elikagaiak edo pestizidez kutsatutakoak izango ditu eskuragarri; Asiako langileak zapaltzen dituzten multinazional baten arropa merkea erosiko du, beren soldatarekin ezinezkoa izango baitzaio etikoa erostea. Sarritan, ingurua bakoitzaren errealitatetik azaldu ohi dugu. Honen adibide bat da ezagutzen dugun kasu konkretu batetik orokortasuna dela pentsatzea, estrapolazio falazia. Lehenago aipatu ditudan lanbide-kideek ez dute horrelakorik ikusten, errealitatea euren bizi mailatik azaltzen dutelako. Baina antzeko joerak ikusi ditut enplegu egonkorra dutenen aldetik (sarritan, pertsona helduak). Ez dute ulertzen zergatik jaiotza tasa hain baxua den, legean lortutako aurrerapenekin; ez dute ulertzen nola askok gurasoen etxetik atera ez diren; ez dute ulertzen nola ez duten organikorik kontsumitzen, bakarrik apur bat garestiagoa baita. Ez dute ulertzen prekarietatea bizitzaren atal guztiak zeharkatzen dituela, bizitza duin bat bizitzeko aukera galaraziz. Horregatik, gizarte kapitalista honetan enplegua hobetzea beharrezko baldintza da. Enplegu egonkorra baduzu, ez ezazu prekarietatea txikikeria balitz legez hartu.
news
argia-8166bce72ac0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/mertxe-tranche-letrak-eta-kaleak-gureak-dira.html
"Alardeak erakutsi du emakumeok ezin garela sistema honekin fidatu"
Danele Sarriugarte Mochales
2018-11-11 00:00:00
"Alardeak erakutsi du emakumeok ezin garela sistema honekin fidatu" Irungo Brontë liburu-dendan bildu gara Mertxe Trancherekin. Non bestela? Liburuak ditu Tranchek pasio eta bizibide; denetik egin omen du horiekin: irakurri, saldu, ordenatu, idatzi, tailerrak gidatu… Beraz, elkarrizketa honetan, literaturaz aritu gara ezinbestean. Eta ezinbestean aritu gara, orobat, errealitateaz. Eta historiaz. Izan ere, irundarraren bizitzan eragin handia izan du dagoeneko bi hamarkada bete dituen gatazkak: alarde parekidearen aldeko borrokak. Gogoan duzun lehen irakurgaia? Ez da lehena, baina gogoan dut Jane Eyre , Charlotte Brontërena. Neska gaztetxo bat liburutegira datorren aldiro, hori ematen diot beti, nahiz eta beste zerbaiten bila etorri. Iruditzen zait mugarri bat ezartzen duela. Zer mugarri? Nik 12 urterekin irakurri nuen, gutxi gorabehera, eta ordura arte gazteentzako liburuak baizik ez nituen irakurri. Liburu horrek, ordea, larritasuna eragin zidan. Deskubritu nuen bestelako gauzak aurki zitezkeela literaturan. Larritasuna? Jane Eyre , zenbait zentzutan, liburu ahul samarra da teknikaren aldetik, baina halako pasioa dario… Teilatuko bakarrizketa irakurtzen dudan aldiro ilea lazten zait, eta iruditzen zait lantzen duela gai bat zeina oso garrantzitsua baita emakumeontzat: amorruaren kudeaketa. Sistema honetan bizi garenez, amorrua sentitzen dugu ezinbestean, baina inoiz ez digute erakutsi amorruarekin zer egin. Esan digute esertzeko eta hortxe geldirik egoteko, baina amorrua barruan daramagu hala ere. Jane Eyre irakurtzean, ordea, ikusten dugu nola erabil dezakegun amorrua gure alde, eta uste dut hortxe datzala liburuaren indarra. Beste liburu bat ekarri nahi nuke orain hizpidera: 1928an argitaratu zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena , duela 90 urte. Emakumeek ordura arte idatzitako literatur lanak errepasatu zituen Woolfek saiakera horretan, eta etorkizuneko emakume idazleei eskatu zien eusteko beren askatasunari eta idazteko denetatik. Ehun urteko epea eman zien horretarako. Nire ustez, mende eskas horretan liburu itzel batzuk idatzi dituzte emakumeek. Orain, ordea, eta iritzi hau nire-nirea da, eta agian zahartu naizen seinale, baina, zera, orain gustatuko litzaidake idazle emakumeek ez pentsatzea apokaliptikoak izan behar dutenik interesgarri izateko. Belaunaldi berria guztiz da apokaliptikoa eta distopikoa, arnasestuka uzten gaitu denok eta ez du irtenbiderik proposatzen. Bikain ari dira, baina halako ostikada bat ematen dizute sabelean… Diagnostikoa ederki dago, baina zauriari ukendua jarri beharko diogu, ezta? Edo eguzkitan ipini, behintzat; ezin gara horrela bizi. Esango nuke emakume idazle horiek uste dutela, literatura "gogorra" egin ezean, ez dituztela seriotan hartuko. Nahi nuke haiek horrelakorik ez pentsatzea, baina, seguru asko, zuzen dabiltza. Agian hauxe nahi dut benetan: mundua horrelakoa ez izatea. Liburuak irakurri eta gero, saldu. Auskalo izeneko liburu-denda ireki zenuten Josune Urrosolok eta biek. Nolatan hasi zineten? Alardearen kontuak gauza on ugari ekarri zuen, besteak beste, horren bitartez topatu ginen elkar ezagutzen ez genuen jende mordoa. Era guztietako harremanak sortu ziren: maitasun-harremanak, laguntasunak… Batzuek, berriz, proiektu bera geneukan. Adibidez, Josunek eta biok liburu-denda sortu nahi genuen. Nik bizi osoa eman nezakeen liburu-dendarekin ametsetan, ezer egin gabe, baina Josune ausartagoa zen, eta ikusi zuen ez zela diru askorik behar liburu-denda guk nahi genuen moduan muntatzeko. Zenbat urte egin zenituzten? Bost. Ondo samar joan zitzaigun, egia esan. Ez genuen horregatik itxi. Alardearen hasierako urteak ziren, eta hara etortzen zitzaigun jendea arratsaldeko seiretan, sofan eseri, eta ez zuten gauerdira arte alde egiten. Larunbatetan, berriz, bigarren eskuko azoketara joaten ginen, liburu bila. Hortik kanpo, ez geneukan bizitzarik. Lan-kontu berriak atera zitzaizkigun, nekatuta geunden, eta horregatik itxi genuen. Argazkia: Dani Blanco. Idatzi ere idatzi duzu libururik. Irungo historiari buruzkoak batez ere. Nolatan hasi zinen horretan? Legaleon antzerki-taldearekin nenbilen lanean, eta haiek Suitzara joan ziren beste antzerki konpainia bat sortzera: L'Alacran. Lanik gabe geratu nintzen. Bazen ikerketa sari bat, eta proiektu bat aurkeztu nuen: pospolo-egileen historia aztertu nuen. Irunen pospolo-lantegi bat egon zen ehun urtez, seiehun emakumek egin zuten lan bertan, eta nik entzuna neukan oso potenteak izan zirela, baina ez zegoen ezer zehatzik haien inguruan. Saria eman zidaten. Ondoren, lantegiei buruzkoak ikertzen jarraitu nuen, zeren beti esan izan da Irunek ez zeukala industriarik, baina nik ikusi nuen ez zela hala: Irun industrializatu zen, baina bere erara. Behin tiraka hasita, maitemintzeko moduko espedienteak topatzen dituzu, hasten zara hariak lotzen, bihurtzen zara garai bati buruzko aditu, enkarguak egiten dizkizute… Ezagutzen ez dena ezagutzeko bidea dugu ikerketa. Zer aurkitu zenuen zuk? Iruni buruz, eta oro har munduari buruz, ez baitut uste ezberdin funtzionatzen dutenik, nahiz eta batzuetan hala iruditu, hauxe ikasi dut: eliteak eraldatu egiten direla beti. Gattopardo pertsonaiak nola dioen, dena aldatzen dela guztiak berdin iraun dezan, bada halaxe da, hain zuzen ere. Eliteak garaiz garai egokitzen dira, halako moda batzuei ere jarraitzen diete, baina beti dira berdinak. Adibidez, XVIII. mendean, eliteko jendeak erakutsi beharra zeukan; orain, ordea, eliteek diskretu izan behar dute. Olazabaltarrak, adibidez, Portugalgo bodegarik handienaren jabe dira, eta banku guztietan daude, baina gaur egun, inork ez luke asmatuko. [Irungo familia boteretsu bat da Olazabal familia: haiei buruzko liburu bat idatzi zuen Tranchek, Ana Galdosekin batera]. Elkarrizketan behin baino gehiagotan agertu zaigun gaiari heldu nahi nioke orain. Atzera joko dugu, 1996ko ekainaren 30era. Egun hartan atera zineten lehenengo aldiz alardean. Nola gogoratzen duzu une hura, hogei urtetik gora joan diren honetan? Urte hartan antolaketa-lanetan ibili nintzen, ez nuen desfilatu, baina haien alboan gindoazen. Ekainaren 30a iristera orduko, egurra emana ziguten alde guztietatik, baina atera baino hamar segundo lehenagora arte bageneukan halako irudipen bat, agian ez gintuztela gaizki hartuko. Eta, orduan, San Joan plazara iritsi eta ikustea nola hartu gintuzten, izugarria izan zen. Errebelazio bat. Bat-batean hazi ginen, edo ilea urdindu zitzaigun, ez dakit, baina orduantxe konturatu ginen zer mundutan bizi ginen. Eta horren ostekoa ezin da adierazi, ezin da kontatu nola bizi izan ginen zenbait urtez. Baztertuta bizi ginen, mehatxuak jasotzen genituen etengabe, edozein momentutan, edozein egunetan. Ezin ginen tabernetara joan, astebururo sartzen ziguten silikona liburu-dendako atean, kotxea izorratu, etxeko ataria markatu… Eutsi zenioten hala ere. Nondik atera zenuten indarra? Orduan bezala sentitzen dut orain ere: han geundenekiko leialtasuna. Ez geneukan beste inor, beraz ezin genuen kale egin, elkarri eutsi behar genion. Zenbaitek ezin izan zion presioari eutsi, eta bagenekien zer zen hori, bakar-bakarrik geratzen zinen. Irunen taberna batera baino ezin gintezkeen joan pote bat hartzera, Kabigorrira; ez ziguten lanik ematen… Ezin da azaldu, zeren ez zen inoiz eteten, etxetik atera bezain laster hasten ziren begiradak eta irainak. Hortxe ikusi genuen alardea mikrokosmos bat dela, eta ederki islatzen duela nola ekiten duen botereak. Hamaika ebazpen atera dira gure alde, baina botereak erabaki du ez dituela beteko, eta hala egin du. Ontzat eman, bai; bete, ez. Aspaldiko alarderik gogorrena izan da aurten Hondarribian. Han zinen, Jaizkibelekin desfilatzen. Aurten Hondarribian gertatu denak badu alde onik: gu ez beste norbaitek pairatu du gelako harroputzaren kasketaldia. Gelako harroputza xaxatzen ibili dira denak, txalo egin diote, baina aurten apaizari erakutsi dizkionean hortzak, eta beste batzuei, konturatu dira akaso ihes egin diela piztiak, jada ez dagoela beraien mende. Eta orain, zer egin? Edonola ere, honek guztiak erakutsi du sistemak huts egin duela. Alardeak erakutsi du emakumeok ezin garela sistema demokratikoarekin fidatu, ez eta botere banaketarekin ere, ez behintzat gaur egun antolatuta dagoen moduan. Sistema horrek ez gaitu emakumeok babestu, nahiz eta arrazoia eduki. Argazkia: Dani Blanco. Zergatik lehertu da hemen? Zergatik gaiztotu da hainbeste? Ez dut uste bereziak garenik. Horregatik bada. Beste leku batzuetan beste zerbait lehertuko litzateke, beste nonbait legoke baba. Guk baba bat jo dugu. Hala ere, gizarte konplikatua gara, Irun uharte bat da gauza guztietan. Historia berezia daukagu, osaketa soziologiko berezia, eta uste dut liskar zahar eta latza daukagula, hainbat modutara agertu dena. Izan ere, egindako ikerketei esker ikasi dut, alardearen gatazka baino lehen, antzeko beste hiru liskar gertatu direla Irunen. 1864an, gauza berbera gertatu zen, udal bandako organo-jotzailea karlista zelako, eta udala, berriz, liberala. Eta orduko hartan zer egin zuten, organo-jotzailea bota? Ez, Irunen konponbide bera ezartzen da beti. Organo-jotzailea zenez bandako zuzendaria, bada, banda bana sortu zuten [barreak]. Banda liberalak jotzen zuenean, karlistek alde egiten zuten plazatik, eta alderantziz. Eta beste bi liskarrak? Musika-bandarekin piztu zen beste bat, eta hirugarrena futbolarekin loturikoa zen. Bi futbol-talde zeuden hemen: Racing eta Sporting. Orduko hartan baino ez zen gatazka konpondu, eta talde bakarra daukagu orain: Real Unión. Horra hor gakoa: erregeak esku hartu zuen, eta horregatik batu ziren bi taldeak. Instituzioak esku hartu zuen, eta alardearen kasuan horrexek egin du huts. Beranduegi da instituzioek esku hartzeko? Urkulluk orain gutxi aipatu du gaia, baina esku-hartze erradikalagoa behar dugu. Hala ere, aurreko guztiek baino gehiago egin du, zeren, gutxienez, ez du esan jaia bizitzeko bi modu daudela eta biak maila berean daudela. Hori ez baita egia. Jaia bizitzeko bi moduak ez dira berdin zilegiak, asko jota, berdin legezkoak izan daitezke. Baina ezin da berdin zilegia izan integratzen duen jaia eta jendea kanpo uzten duena. Urkulluk adierazi du norantz jo behar den, baina instituzioak askoz argiago adierazi behar luke zein den bidea eta non kokatzen den instituzioa bera. Nola? Bada aurrekaririk. Donostian, adibidez, diru-laguntzak moztu zituzten. Berdintasun lege bat daukagu, eta ikuskizun publiko baztertzaileak debekatzen ditu. Beraz oso erraza da. Baina hori ez da konponbidea. Nik ez dut nahi alarde tradizionala debekatzea, ezta plastikoak debekatzea ere; nik nahi dut plastikoen atzean daudenek plastikorik atera nahi ez izatea. Baina horretarako, pedagogia egin beharra dago, eta hasteko, autoritatea dutenek egin behar duten pedagogia, hots, autoritas klasikoa dutenek, adituak direnek. Guri ez digute jaramonik egingo, baina Urkulluri agian bai. Oroz gainetik, instituzioak utzi behar dio soilik epe motzera begiratzeari, alegia, soilik hurrengo hauteskundeei begiratzeari, eta pentsatu behar du benetan zer den zilegi eta zer ez. Baikor begiratzen diozu etorkizunari? Irabazita dago, ez daukat inongo zalantzarik. Hori bai, beldurra pasako dugu oraindik. Baikor begiratzen diot etorkizunari zeren guk beti sinetsi genuen gutako norbait hil egingo zela. Plazara atera, eta han zeuden 8.000 gizon, mozkortuta, eta kaskoa berotuta, urte osoan esana zietelako ondo zegoela gu egurtzea. Benetan pentsatzen genuen norbait hilko zela, beraz garai hartakoarekin konparatuta, lasai ateratzen naiz orain. Bestalde, ikusi Jaizkibel konpainia, ikusi alardea: etengabe ari da hazten, eta gaztez beterik dago. Baikorra naiz, noski; denbora behar dugu, ez besterik. Hala ere, nire begiz ikusi nahi nuke, eta urteak badoaz aurrera. Ez zaizu damutu, beraz.   Oso-oso gaizki pasa dugu, baina gutako edonori galdetuz gero ea damutzen zaion, ezetz esango dizute denek. Ez zait damutzen. Harro, pozik eta garaile sentitu gara. Batez ere, harro: "Beldurrak akabatzen banago ere, egon behar dudan tokian nago". Horixe sentitu dut, eta sentipen horrek ez dauka parekorik bizitzan.
news
argia-97a47a111d8d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/xabier-gantzarain.html
"Gaur egun berdina balio du katu baten bideoak eta Munchen artelan batek"
Gorka Erostarbe
2018-11-11 00:00:00
"Gaur egun berdina balio du katu baten bideoak eta Munchen artelan batek" Idazlea eta arte kritikoa da, baina guztiaren aurretik, behatzailea. Ikusten duen horri irakurketa propio bat gaineratzen dion behatzaile fina. Artelanari ertzak adina erreferentzia ateratzeko gai dena, eta obrari beste begirada bat emango diona. Zuloa saiakera liburuan euskal arte garaikideko 23 obra aztertu ditu, eta haietatik abiatuta gogoeta berriak plazaratu. Astelehen goiza da; lasaitasun erabatekoa sumatzen da Oteizaren Frontoietan. Ez dago inor pasieran, ez dago ikuslerik. Haurrik ere ez pilotan jokatzen. Xabier Gantzarainentzat (Azkoitia, 1975), bere herrian kokaturiko obra eskultoriko erraldoia Jorge Oteizaren azken garaiko noraezaren erakusle da: "Ez dago argi Oteiza beraren proiektua ote zen, edo haren ideia batetik abiatuta beste batzuek egindako kontu bat. 90eko hamarkadan asko ugaldu ziren Oteizaren obrak hainbat herritan, udalek egindako eskariak ametituz. Bere figura erabiltzen zuten herriari beste oihartzun bat emateko. Hala ere, bada esaten duenik noraeza hori ez zela hain inkontzientea ere, nahita egin zuela hura guztia jendea nahasteko-edo. Angel Bados artistari entzun izan diot halakorik". Nolanahi den, XX. mendeko figura handiena da Oteiza euskal artean Gantzarainentzat. Eta Oteizaren aipamenak zein izpiritua ere lehen kapitulutik azaltzen dira bere Zuloa (Elkar) saiakera liburuan. Tene Mujika bekaren laguntzaz idatzitako liburu horretan 23 saio labur bildu ditu, bakoitza artelan batetik abiatuta idatzia, testuingurua erakutsiz, bizitzarekin lotuz, memoriarekin erkaketak eginez. Guztiek dute lotura bat, azken mende laurdeneko obrak izatea: Ibon Aranberri, Txomin Badiola, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Saioa Olmo, Bixente Ameztoi, Jose Luis Zumeta, Jose Ramon Amondarain… Gantzarainen asmoa izan da arteari buruzko testu estandarren ohiko abstrakzio eta epelkeriatik ateratzea. "Ezer ez da neutroa. Ezta testu deskriptibo hutsal samar horiek ere. Hitz joko tonto bat eginez ni saiatu naiz jarrera horretan zulo bat egiten, "nik beste era batera nahi dizut azaldu artelan hau" esateko. Ibon Aranberriren Zuloa obrari eskainitako testuarekin hasten duzu liburua, eta diozu: "Ibon Aranberrik hil zuen Oteiza". Baina hil al da liburuan aipatzen duzun "euskal jatorri jatorraren mitoa"? Ez dut uste, jatorriaren mitoa asko gustatzen baitzaigu. Zerbaiti heldu egin behar zaio, eta beti agertzen da euskal jatorri jatorarren mitoa, gure imaginarioan oso errekurrentea dena: arbasoaren figura hori, kultura milenarioa, Europako hizkuntzarik zaharrena, eta hori guztia asko gustatzen zaigu, eta behin eta berriz agertzen da. Liburuan nabarmendu nahi nuen Ibon Aranberrik eta bere belaunaldiak beste garai baten berri eman nahi izan dutela, eta horretarako egin zuten Oteizaren belaunaldia, nolabait, hil. Zehaztu nahi dut Oteiza hil zutela, bai, baina bizirik mantentzeko. Egin zuten aurreko tradizioaren irakurketa bat, eten bat planteatuz, baina eten hori planteatzen da baita continuum bat marrazteko ere. Oteizak ez al du jarraitzen oso bizirik; ia-ia itzal mugiezin izateraino? Bai, eta jarraituko du izaten: Euskal Herrian, artean, XX. mendeko figurarik iportanteena ziur aski Oteiza da. Jarraituko du itzala izaten, jarraituko du eragina izaten, eta jarraituko du pisua izaten. Beste kontu bat da pisu hori aldatzen joango dela denborarekin. Txomin Badiolak egiten duenean Oteizaren katalogo arrazonatua esaten du: guk sortzen ditugu gure gurasoak. Alegia, belaunaldi bakoitzak egin beharko du irakurketa bat, bai Oteizarena, bai Badiolarena, bai Aranberrirena, eta beste guztiena. Nik uste dut hori dela kontua, ez dela hainbeste garrantzia kentzea edo albo batera uztea aurreko belaunaldia, baizik eta zer arrasto utzi duten fintzen joatea: iragazgailutik pasatzea eta esatea zer utzi duten, zer den baliagarria esatea. Euskal artearen azken 50-60 urteetako bi sinbolo nagusiak izan litezke Oteiza eta Guggenheim Museoa. Euskal Jatorri jatorraren mitoaren sortzailea, eta bestetik, espektakuluaren artea irudikatzen duen eraikina… "Hainbeste jende baldin bagaude denbora guztian idazten, argazkiak ateratzen… ikusten zein dago?" Bai, eta gainera, lehenak bigarrena zuzenki kritikatu zuena. Garai baten izpiritua hartzen edo islatzen duten bi mugarri dira. Esango nuke Oteiza bera dela inportantea, baina hura baino sinbolikoagoa, akaso, Arantzazu. Zer izan zen Arantzazu euskal kulturarentzat, zer pisu izan zuen Arantzazun arte edo eskultura berriak. Eta arte horrek zer funtzio zeukan. Eta, gero, Guggenheim. Eta hor arteak zer funtzio daukan, zer arte erakusten den, eta gainera. Arantzazu modernitatea litzateke, eta Guggenheim, posmodernitatea, oso labur esanda. Zuk liburuan landutako belaunaldi honi falta zaio aurreko hark gizartean izan zuen gorpuztea? Hor dago nire liburuaren abiapuntuetako bat. Txillida, Oteiza, Basterretxea, Zumeta, Mendiburu, Balerdi… Uste dugu gorpuztuta daudela, baina benetan gorpuztuta al daude gizartean? Edo ideia moduko bat da hor geratu zaiguna txertatuta. Ez nago oso seguru, eta gehiago txertatu badira, ziur aski da garai hartan gehiago erabili zirelako artea ez zen esparruetan. Adibide bat: topatu nuen egutegi bat, 1976koa, aurrezki kutxaren batek ateratakoa, eta hilabete bakoitzean artista baten obra ikus zitekeen. Zuk hori sukaldean daukazu, etxean. Eta 1976an ez daukazu Internetik, ez daukazu ia telebistarik… Erreferentziak askoz gutxiago zirenean, horiek askoz ere presenteago zeuden. Eta, gainera, haien lanak erabili izan dira Kutxaren logotipoa egiteko, Euskal Herriko Unibertsitatearen logotipoa egiteko… Eta ohitu egin gara horiek ikusten. Gainera, Asier Mendizabalek ondo esplikatzen duen bezala, 60ko hamarkadako berpizte sozial kolektibo baten ideia lotu diegu obra horiei: Francoren diktaduraren kontra sortu zen herri mugimendu berri baten aldekoak ziren. Aldiz, oraingo artistekin gertatzen da informazio ozeanoa izugarri zabala dela eta ozeano hori irudiz beteta baldin badago, artista horien lana agertzen dela izkina txiki batean. Pasarteetako batean diozu: "Ikusle aktibo bati egiten dio artistak galde; akaso gehiegitxo eskatzea da, ikuslerik ere ez dagoen garaiotan". Zergatik ez dago ia ikuslerik? Boris Groysek esplikatzen du La société du spectacle ( Espektakuluaren gizartea ) idatzi zuen Guy Debord filosofoa zela azken ikuslea, eta hark bere buruaz beste egin zuela: azken ikusleak bere buruaz beste egin bazuen, gaur non daude ikusleak? Hain urrunera joan gabe ere, egun ikusten dena da denok ari garela gauzak sortzen, argazkiak egiten, idazten… eta gainera, uneoro sarera igotzen. Galdera da: hainbeste jende baldin bagaude denbora guztian idazten, argazkiak ateratzen… ikusten zein dago? Non dago ikuslea? Ikuslerik ba al dago? Molde batera edo bestera, azken urteotan jende askok egin duen galdera da. Horrek ekarri al du, neurri batean, arte garaikidearen eta gizartearen arteko urruntzea? "Guri ematen zaigun mezua, saltzen zaiguna, turistaren jarrera da. Joan batera, joan bestera, ikusi hau eta hori, baina arin. Gauzek ez daukate pisurik" Ez dakit. Nik ulertzen dut esatea urruntze bat dagoela artearen eta gizartearen artean. Baina ez dakit erabat ados nagoen, ze horrela esanda ematen du duela 50 edo 60 urte ez zegoela urruntzerik, eta uste dut hori ere ez dela horrela. Guk aipatzen dugu Arantzazu, eta ematen du gauza bat erabat onartua, babestua, eta gizarteak beretzat hartua izan zela, baina momentu hartan ez zen hala izan, eta jende askorentzat gauza monstruoso bat izango zen. Eta egun zer nolako urruntzea dago? Ez dakit oso ondo. Batetik, ikusleak urritu egin dira, denok gara sortzaile, denok ari gara sortzen etengabe, eta beraz, ikuslerik edo hartzailerik ez dago, ez behintzat lehen egon zitekeen moduko hartzaile bat. Orain denbora gutxiago daukagu, dena instantaneoa da, ezerk ez du irauten, gauzek ez dute astirik sedimentatzeko… Dena doa abiadan. Eta hori da, seguru asko, alderik handiena, gauzei jarraitzea oso zaila delako. Eta, gainera, guri ematen zaigun mezua, saltzen zaiguna, turistaren jarrera da. Joan batera, joan bestera, ikusi hau eta hori, baina arin. Gauzek ez daukate pisurik, alderantziz, dena da oso arina. Ez dago sakontasunik, edo egun fama onik ez duen termino bat erabiliz, ez dago hierarkiarik. Arteak behar du hierarkiarik? Bai, egun berdin-berdin balio du katu baten bideoak eta Munchen artelan batek. Zure timeline-an edo Facebookeko horman, elkarren ondoan edo elkarren segidan agertuko zaizkizu eta. Dena da gauza bera, eta ez hierarkizatzeak hori dakar: berez gauza gehiago esan beharko lizkizukeen hori berdintzea denbora-pasako gauzatxo batekin. Baina dena da lausoagoa, dena da askoz berdinagoa egun. Oso gauza gutxik jarriko dute zalantzan nire erosotasuna, eta nire bizimodua. Saioa Olmoren atalean honakoa idatzi duzu: "Kontua da gaur egun ez dagoela lekurik, batek ez duela lekurik egiten, ez duela bere lekua aurkitzen". Hori espazioaz ari garela, eta denbora? Ba al da denborarik egun arteari duin erreparatzeko? Oso denbora murritza da; denbora gutxi dugu. Eta artearen sistemak berak gizendu du joera hori: erromesaldia egin beharra artearen tenpluetara. Termino horiek erabiltzen baititu artearen sistemak. Baina, akaso, interesgarriagoa da tenplu batera joatea baino, ordenagailuan hamar minutuz irudi bati begira egotea, eta irudi hori nola eraikita dagoen, zer esateko eraikita dagoen, eta nola funtzionatzen duen, eta ez egotea Louvren hiru segunduz Gioconda ren aurrean, eta hari argazkia ateratzea. Artearen sistemak berak gizendu egin du erromesaldiaren fenomenoa, eta, igual lehenagokoa, edo lurreragokoa da inportanteagoa. Gizarte erabat prekarizatu honetan ez da gehitxo eskatzea kaletar arruntari bere denbora apur hori ere pasa dezan artea kontenplatzen? Ez daukazu inor derrigortzerik, jakina. Baina exijitzen diogu herritar arruntari, batik bat gizonezkoari, oso gaztetatik hasi eta hil arte, dedikatzeko bere denboraren zati handi bat futbola ikustera, futbolari buruzko gauzak entzutera, futbolarien lesioak ezagutzera… Nik ez dakit zer eskatu diezaiokegun kaletar norbanakoari, baina hor operazio oso bat dago, banalizatzearena. Lehen aipatu dugu hierarkizatzea. Hori oso ondo egiten dute albistegiek, horiek bai hierarkizatzen dute, lasai eta lotsagabe, eta ematen du berezkoa dela, gauzen ordena naturala. Eta hori da kontua: gauzen ordena naturalari buruz galderak egiteko balio baitu arteak. Benetan inportako balitzaigu gure gizartea nolakoa den, eta nolakoa izan behar duen, bada ematen zaiona baino dezentez inportantzia handiagoa eman beharko litzaiokeela arteari, eta sormenari oro har. Batez ere ikuspegi kritiko batetik jakitea irudiak nola sortzen diren, nola egiten diren, zer esan nahi duen marko batek, konposizio batek… Askotan oso gauza sinplea ematen dutenak, baina... Baina… Baina, Haizea Barcenillari behin baino gehigotan entzun diodan moduan, hezkuntzan ez dago inon irudiak dekodifikatzen erakusteko plangintzarik. Esaterako, hainbat inkestak aipatzen du 12 eta 14 urteko gaztetxoek ez dutela irudi sexistarik identifikazten hainbat iragarkitan; horrek adierazten du nola naturalizatzen diren gauzak, ia ikusezin bilakatu arte. Hori larria da, irakurketarekin gertatzen den bezala, ulermen gaitasuna ahultzen ari delako. Argazkia: Dani Blanco. Zure aldetik badago ahalegin bat egungo artista horiek egin duten lana baloratzeko. Euskal Herriko azken urteetako historia irakurtzeko oso baliagarriak egin zaizkizula esan duzu. "Akaso, interesgarriagoa da tenplu batera joatea baino, ordenagailuan hamar minutuz irudi bati begira egotea " Artista hauek egin dute ahalegin bat aurreko tradizioaren irakurketa bat egin, eten bat gauzatu, eta estetika berri bat sortzekoa. Eta nik egin dut ahalegin bat artista hauen lanak ekartzeko beste terreno batera, lurrera ekartzekoa, nire bizitzarekin eta nire inguruarekin lotzekoa, eta ez egiteko normalean artetik egiten diren irakurketa hanpatu horiek. Ohituta baikaude irakurtzen, katalogoetan-eta, ezer esaten ez duten testuak. Nire erronka bazen pixka bat bustitzea, eta nik nire irakurketa ematea. Askotan esaten da artea ez dela ulertzen. Baina, artearen ez-ulertze hori desakralizatu egin behar da. Baina testu ulergaitz horiek egon badaude. Artearen sisteman nork du horren ardura? Badago artista bat Allam McCollum izenekoa, estatubatuarra, eta behin hauxe irakurri nion: "Artearen sistema dago asmatuta, inor sartu ez dadin". Eta, nolabait, horretarako dira testu horiek. Guk markatzen dugu hemen zein den terrenoa, guk zedarritzen dugu sistema, eta hori onartzen duena sartuko da. Hau onartzen ez duena sistematik kanpo dago. Eta artista bera salduta dago. Lan bat egiten du eta badaki, lan hori zabaltzeko, sistema bera beharko duela. Zenbait sortzailek aitzitik, Koldobika Jauregik adibidez, esan izan du garai posmoderno likidootan nagusitu ote den kontzeptualizazioa, diskurtso hutsa, eskulanaren kaltetan… Niretzat artelan baten meritua ez dago eskulanean; ez dago zenbat ordu sartu dituen batek lan hori egiteko, edo teknika menperatzen duen. Niretzat ez dago hor meritua. Niretzat dago meritua zerbait esaten asmatzen duenean. Ikusle bezala, obra batek zerbait esaten badit, niretzat balekoa da, eta oso ondo eginda egonagatik ez badit ezer esaten, niretzat ez dauka baliorik, edo aitortzen diot balioa baina ez dit hainbeste ematen. Yves Michaud izeneko batek idatzia da L'Art à l'état gazeux ( Artea estado gaseosoan ) liburua eta hor aipatzen zituen artea, turismoa, mundializazioa… Artea ez da orain leku jakin batekoa: bienalak daude han eta hemen, feriak daude etengabe, batean eta bestean, bildumazaleak helikopteroz joaten dira batetik bestera… Guri ere horrelako zerbait gertatzen zaigu, nahiz eta ez ibili helikopteroz feriaz feria. Ikusle turistak gara, eta horrela gabiltza, batetik bestera. Azken urteetako Euskal Herriko historia ulertzeko, euskal gatazka deitu dena tarteko, gehiago balio izan dizu arteak ezen eta ez kazetaritzak? "Benetan inportako balitzaigu gure gizartea nolakoa den, eta nolakoa izan behar duen, bada ematen zaiona baino dezentez inportantzia handiagoa eman beharko litzaiokeela arteari" Bakoitzak ematen dizkit klabe diferenteak, eta maila diferentetako klabeak. Niretzat, adibidez, Txomin Badiolaren Malas formas erakusketa ikusi nuenean Irunberriko gertaeraren perspektiba aldatu zitzaidan [ETA eta Guardia Zibilaren arteko enfrentamendua, 1990eko ekainaren 25ean: guardia zibil bat hilik eta hurrengo goizean bi etakide hilda agertu ziren. Bertsio ofizialak beren buruaz beste egin zutela esan zuen, baina susmo nagusia zen Guardia Zibilak torturatu eta hil zituela]. Badiolak egurra jaso zuen Madrilen, "terrorista" izateagatik, eta Euskal Herrian ere egurra, "banalizatzaile" izateagatik. Garaitsu hartan erabaki zuen gatazkaren iruditeria erakusten hastea bere lanetan, eta ordura arte ikusten ez ziren elementuak txertatzen hasi zen. Eta horrek badu garrantzia nire ustez, baita artxibo modura ere. Non kokatzen da artea hedabideen eguneroko kontakizun eta interesen, eta denborarekin sortzen duten historia letra larrizkoaren errelato horren artean? Artearen betebeharra da, eta aldi berean gaitasuna, ideien kondentsazioa. Badago hedabideen eguneroko marmarra, zurrumurru edo zarata hori, eta aldiz, artea nik justu kontrakoarekin lotzen dut, isiltasunarekin-edo, ez artelan guztiak isilak direlako, baizik eta gauza askoren konbinaketa puntu bakar batera ekarri behar dutelako: izan daiteke memoria, izan daiteke beste artista edo obra baten irakurketa, izan daiteke kezkatzen dituen gai bat, baina bide bakarrera ekarri behar dute, eta kondentsazio horrek, isiltasun bat dakar berarekin… Gauza bera izan arren, beste era batera bizitzeko aukera. Prestigiotze baten beharrean dago artea? Igual alderantziz; igual desprestigiatze baten beharra dauka arteak, eta desakralizatze batena, eta des … batena. Joera beti da artea zerbait sublimea eta gorena bezala azaltzekoa. Eta justu horixe da arazoa. Baina, kontua da, des … hori egiteko saiakerak egiten direnean, esaterako herriko paretetan adierazkortasun handiko margolanak azaltzen direnean, ezabatu egiten dituztela. Bai, oso gauza polita izan zen Donostian gertatua duela urte batzuk. Banksyrena omen zen pintada bat agertu eta eztabaida bat egon zen zer egin horrekin: Banksyrena baldin bada, igual ezin da ezabatu, herriarentzat aktibo bat baita, Udalarentzat, turismoari begira… Hor sortu zen eztabaida mundiala izan zen; sinaduraren garrantzia, sistemaren funtzionamendua… Zer iruditzen zaizu Banksyk egin duen azkena? Bada, nonbait irakurri dudan bezala, erosleak zorte handia daukala, ze birbaloratu egingo da autosuntsitu den obra hori. Artearen sistema da kapitalismoaren erakuslerik onena. Zuk egin dezakezu proposamenik erradikalena, probokatzaileena, transgresoreena, nahi duzuna… baina derrepentean irentsiko du sistemak. Artearen sistemak jaten du edozer. "Artea fikzioa da?" galdetzen duzu hitzaurrean. Zer erantzungo zenuke? Ez, niretzako ez da fikzioa. Fikzioa / ez fikzioa dikotomiatik harago doa artea. Txomin Badiolak jartzen dizunean muturren parean eskultura bat daukana ABC egunkariko irudi batekin egindako serigrafia bat koloretan, eta daukana urrezko txapa bat beltzez pintatua, Malevitxen karratua gogora ekartzen dizuna, eta duena egurrezko estruktura bat… eta beste irudi bat ikusi uste duzu… horrek ez dauka fikzioarekin zerikusirik. Arteak hori gainditu egiten du. Dena sartzeko gaitasuna dauka, beste edozein adierazpide artistiko bere baitan biltzekoa. Dikotomia horretatik ihes egiten du, ez da fikzioa, baina ez-fikzioa ere ez da.
news
argia-fe49c4a636d7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/ekosistema-bizia.html
Ekosistema bizia
Dabi Piedra
2018-11-11 00:00:00
Ekosistema bizia Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final laurdenetako azken saioaren kronika. Azaroaren 4an Berriatuan. Basoa bezala, bertsogintza ekosistema aberatsa dela azpimarratu du Bertsozale Elkarteak, aurtengo Bizkaiko txapelketako mezuan. Bertsolarien lanaren atzean, gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak, babesleak, zaleak eta laguntzeko prest dauden boluntarioak ere ekosistema horren ezinbesteko partaide dira. Elkarlan horri esker, txapelketa biribilaz gozatzen ari dira bertsozaleak. Bost final laurdenak jokatuta, finalaurrekoen atarian da orain txapelketa. Hain zuzen ere, Berriatuko Mendibarren pilotalekuan jokatutako azken final laurdenean jakin genituen finalaurrekoetan ariko diren guztien izenak. Horietako bat Oihana Bartra izango da, Berriatuan garaile izan baitzen. 2014ko finalean parte hartu eta gero, 2016koan huts egin zuen, eta indar betean ekin dio Miribillara itzultzeko bideari. Hasieratik amaierara, oholtzako beste kideen gainetik aritu zen Bartra. Ideiak aise josi zituen, huts nabarmenik gabe. Epaileek 469 puntu eman zizkioten; Josune Aramendi bigarrenak 446,5 batu zituen. Huts txiki batzuk gorabehera, dotore aritu zen markinarra, baina bertsoaldi batzuk biribiltzea falta izan zitzaion, atzetik geratu ziren gainerakoei bezala. Hirugarren, Ibai Amillategi izan zen, 446 punturekin. Kantaera sendoari esker, entzuleak bereganatu zituen hainbatetan. Beste hirurak atzerago gelditu ziren: Itxaso Paia (411,5), Lander Ibarluzea Aitxulua (404,5) eta Asier Alcedo (399). Saioko une bitxia Aitxuluaren eskutik heldu zen, zortziko handiko ariketa zortziko txikiko doinuarekin hasi baitzuen. Alabaina, entzuleak berotzen ere asmatu zuen. Esate baterako, Alcedorekin batera, hamarreko txikian, aspaldiko musika taldea berpiztearen alde botatako bertsoek txalo ugari eragin zituzten. "Berriro Rolling Stones, behar dau herriak/ goroldiorik ez dau dabilen harriak", bukatu zuen lana Aitxuluak. Kartzelakoan hau zuten gaia: "Luzaro egon zara mezua idazten. Okerreko pertsonari bialdu deutsazu". Gehienbat, bikote-harremanei heldu zieten bertsolariek. Adibidez, ikuspegi horretatik Oihana Bartrak goitik behera josi zuen istorioa, eta azken puntuan errematea jo. Mezua okerreko pertsonari bidali arren, damu handirik ez zuen agertu seietako batek ere, Aitxuluak botatako sententzia lekuko: "Makinak ere erratzen dira, eta pertsonak gehiago". Finalerdietako lehenengo hitzordua, hilaren 18an, Berrizen. Bizkaiko bertsogintzaren ekosistema osasuntsu dagoela ikusi dugu orain arte, eta hurrengo saioetan ere, bizi-bizirik dagoela erakutsiko dute. Finalaurrekoetara sailkatuak Final laurdenetako bost saioetako irabazleak: Imanol Uria, Malen Amenabar, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Oihana Bartra. Puntuazioaren arabera pasako dira beste bost: Ander Elortegi, Unai Mendiburu, Eneko Abasolo Abarkas, Arrate Illaro, Julen Erezuma. 2016an finalista izan ziren zortzi bertsolariak: Xabat Galletebeitia, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Beñat Ugartetxea, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa.
news
argia-23804b953d0c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/nafarroa-lantzen-ari-den-foru-dekretu-berria-abeltzain-txikientzat-kalte.html
Nafarroa lantzen ari den Foru Dekretu berria, abeltzain txikientzat kalte
Garazi Zabaleta
2018-11-11 00:00:00
Nafarroa lantzen ari den Foru Dekretu berria, abeltzain txikientzat kalte Urtebete inguru daramate Nafarroan abeltzaintza arautzen duen Foru Dekretu berria lantzen. Baina zenbait abeltzain kritiko agertu da dekretu berriak bultzatzen duen abeltzaintza ereduarekin: "Foru Dekretuaren proiektua abere ekoizpen intentsibo eta industrialean oinarrituz egin da, honen garrantzia ekonomikoa soilik baloratuz", salatu zuten urriaren 23an Iruñeko Katakrak liburu-dendan emandako prentsaurrekoan. Nafarroako Arartekoan aurkeztu dute 27 abeltzainek eta 9 alkatek sinatutako idatzia. Komunalen galera Atez bailarako Ezekiel Martin, Baztango Joseba Otondo eta Leitzako Mikel Zabaleta alkateek hartu zuten hitza Katakrakeko agerraldian. Gobernua lantzen ari den dekretuarekin beraien eskualdeetan nagusi den abeltzaintza eredu estentsiboaren baloreak guztiz baztertzen direla salatu zuten alkateek. "Produktuen kalitatea, animalien ongizatea, ekosistemen oreka, hazien banatzea, suteen aurreko prebentzioa edo lurraldeak maila ekonomiko, sozial eta ingurumenean mantentzea" ahalbidetzen duen abeltzaintza eredua, hain zuzen. Foru Dekretu berrian animalien ongizatea baldintzen artean dago, esaterako, ustiategi bakoitzak mahuka propioa edukitzea. "Abereak lur komunalean daudenean, abereentzat mahuka eta aska kolektiboak daudenean, zergatik erosi beharko du bakoitzak berea?", galdetzen dute abeltzainek. Zentzu berean doan neurria da abere ustiategi desberdinen arteko jardun bateratua debekatzen duena ere: "Abeltzaintza tradizionalean animaliak lur komunalean egoten dira sarri, eta jabe desberdinen animaliek eta espezie desberdinetakoek bordak, askak eta abar partekatzen dituzte", diote. Bi ereduen arteko bereizketa egitea eskari Bolumenaren arabera ustiategiak sailkatzeko erabiltzen diren neurriak ere desegokiak direla diote idatziaren sinatzaileek. Esne ardien egungo sailkapena, esaterako, hiru taldetan egiten da: txikia (1.000 arditaraino), ertaina (1.000-2.000 ardi) eta handia ( 2.000 ardi baino gehiago). Egungo errealitatea kontuan hartuta sailkapen zabalagoa egin beharko litzateke sinatzaileen ustez, etxeko ekoizpenak, txikiak, ertainak, handiak, super handiak eta makroak ezberdinduz. Zein da administrazioari landa eremuko abeltzain eta alkate hauek egiten dioten eskaera? Eredu intentsibo industrialaren eta tradizional estentsiboaren arteko bereizketa argia eginen duen dekretua idaztea, eskualde eta egoera bakoitzeko berezitasunetara eta antolamendura egokituko dena. Zeren eta bestela, ondorioak ez dira oso positiboak izanen haien ustez: gazteek sektorean leku egiteko arazoak, ustiategien transmisioan zailtasunak, lur komunalak kudeatzeko problemak…
news
argia-3334d8b0be16
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/derioko-seminarioko-itxialdia.html
Eliza aldatu erregimena suntsitzeko
Urko Apaolaza Avila
2018-11-11 00:00:00
Eliza aldatu erregimena suntsitzeko 1968ko azaroan 60 abade inguruk Derioko seminarioa okupatu eta ia hilabeteko itxialdia egin zuten, hierarkia katolikoak frankismoarekin zuen konplizitatea salatu eta Eliza errotik aldatzea eskatzeko. Errepresioaren aurrean geldirik egoteaz asperturik zegoen jende eta mugimendu askoren katalizatzaile bihurtu ziren abade horiek 60ko hamarkadan, eta gogorrago erantzun behar zela jabeturik, "Gogor" taldea sortu zuten. Pulpituek oraindik botere itzela zuten garaian, haien erabateko aktibismoa oso garrantzitsua izan zen erregimena suntsitzen hasteko. Baina garesti ordaindu zuten. Eraikin erraldoi hartako sekretu guztiak ederto ezagutzen zituen Josu Barandikak (Bermeo, 1939), han egin baitzituen 13 urte ikasten. Horregatik, azaroaren 5 hartan arazo barik sartu zen bigarren eskuko cuatro latas bat gidatzen Derioko seminariora, ordurako inguru guztiak poliziak hartuta egon arren. Donibane Lohizunetik zetozen zuzenean, bezperan abadeek hasitako itxialdia lau haizetara zabaltzen lagundu zuen prentsaurrekoa ematetik, Juan Mari Arregi eta Angel Zelaietarekin. Telesforo Monzonen bidez Piarres Xarritonen Angeluko abadetxean bildu zituzten The Times , Le Monde , Reuters eta nazioarteko beste medio askotako kazetariak: "Gaia oso larria zen, seminario oso bat okupatu genuen, eta prentsaurreko hura izan zen gure bozgorailu indartsuena", oldoztu du Barandikak 50 urte eta gero. 1968ko azaroaren 4an hasi eta hogeitabost egunez Derioko seminarioan iraun zuen Bizkaiko dozenaka abaderen itxialdia ez zen gertaera isolatua izan, Euskal Herriko eliza barruan abade eta apaizgai gazteen artean zegoen ezinegonaren beste kate begi bat baizik. Frankismoaren zapalkuntza ikusi eta bizi zuten gazteok, hierarkia eklesiastikoak erregimenarekin zuen lotura estua salatu ez ezik, "kapitalismoaren asmo eta bizieraren menpe" ez zegoen beste Eliza bat aldarrikatzen zuten, Euskal Herri Langilea deiturikoaren aldekoa. Josu Barandika, 1968ko itxialdian parte hartu zuen. 50 urte geroago Vatikanoari bidali zioten txostena dauka eskuetan. (arg: Urko Apaolaza) Oker dabil uste duenak urruneko historia bat dela honakoa, orain bezala lehen ere, sistema aldatzeaz ari baitziren erlijio eta fedeaz baino, egun indarrean dirauen sistema bera aldatzeaz hain zuzen. Derioko ekintzarekin Vatikanoaren eskuartzea lortu nahi izan zuten, eta halakorik izan ez bazuten ere, Jose María Cirarda gotzain euskalduna Bizkaiko administratzaile apostoliko izendatzeak aldaketaren bat ekarriko zuelakoan amaitu zuten itxialdia. Itxaropen apurrak berehala zapuztu ziren ordea: kartzela, erbestea, torturak, isunak... eguneroko ogi izaten segitu zuten. Parrokiak frankismoaren kontrako aterpe 1936an "gurutzada" frankista abiatu zen une beretik topatu zituen espainiar Eliza Katolikoak disidenteak bere baitan. Ez ahaztu kolpistek fusilatutako euskal apaizak, haietako batzuk, Jose Aristimuño Olaso Aitzol kasu , Ondarretako kartzelan aurpegia desitxuratzeraino torturatuak izan ondoren. Mateo Mugika Gasteizko gotzaina, berriz, zokoratuta eta itsu hil zen Zarauzko deserrian, bere kontzientziak altxamendua ez babestea agindu ziolako.      Josu Barandika: "Epe luzerako zerbait izango bazen ezin genuen katedral batean sartu, halako eraikina behar genuen: oheak zituen, salak... eta ondo ezagutzen genuen. Baina batez ere, erresonantzia kaxa handi bat izan zen seminarioa 339 euskal abadek 1960an sinaturiko gutunak, euskal disidentzia berriz azalerazi zuen. ETA bi urte lehenago jaio zen, eta abadetxeak nahiz komentuak borroka klandestinoaren aterpe bilakatu ziren. Herri Gaztedi eta antzeko taldeen bidez kultur ekintzak bultzatu zituzten herrietan. Orozkon esaterako, Barandikaren parrokian, aurre-ikastaro sozial batzuk antolatu zituzten. Zergatik sartu ziren halakoetan? Galderak erantzun erraza du abade ohiarentzat: "Geure kanpandorreak erabili genituen". Elizak herritarren artean indar handia zuen, baina aldi berean diktaduraren menpeko zen, eta kontraesan hori aprobetxatu zuten jendea batzeko: pertsegitutakoak, bizirauteko zailtasunak zituztenak, langileak… "Geure sermoietan eskubideez berba egiten genuen". Sermoi horietako baten ondorioz, hain zuzen, isuna jaso zuen Juan Mari Arregik (Durango, 1941), torturen eta atxiloketen kontra predikatzeagatik. 25 urterekin ordenatua, Ortuellako meatze guneetan hasi zuen abadetza eta hango langileen egoeraren eta errepresio politikoaren lekuko izan zen: "Lehenengo erreakzioa izan zen sermoien eta idatzien bidez salatzea, baina eliz hierarkiak erregimenaren konplize izaten jarraitzen zuen". 1966ko sasi-erreferendumaren ostean, abade eta fraide talde batek Francori gutun irekia bidali zion, gazteleraz eta euskaraz, Bizkaian lehen aldiz ezarri zen salbuespen egoeraren aurrean: "Zuk eta zure Gobernuak erabaki ori hartzeko zeuen baitako arrazoiak izango dozuez nunbait (…) Baña aitatutako gertaerak eta gure erriko situazio lotsagarri ta norabako au ikustean, gure samin-deadarra ta uko-garraxia zuganaño jaurti barik ezin geratu". "Hitzak ez ziren nahikoa ordea –dio Arregik–, ekintzetara pasatzeko ordua zen". Juan Mari Arregi Derioko seminarioko atarian, 'gogor' diskoa eskuetan duela. Bera izan zen talde hartako bozeramaileetako bat (arg: Urko Apaolaza)   Gogor taldea Apaizen artean bazeuden iritzi ezberdinak, gogorrago jokatu behar zela ziotenen eta hori garbi ikusten ez zutenen artean. Begoñako Gogo-Jardunetako Etxea eztabaiden eta egitamuen epizentro bilakatu zen. Ardura eklesiastiko goragokoetan zeudenek "politika" egitea egozten zieten abade engaiatuenei, hain zuzen gerraz geroztik inposaturiko antolaketa politikoa baliatzen zuten berek. Abadeen Koordinakundean bildu ziren ekintzak prestatzen hasteko –"Gogor" izena Derioko itxialdia baina pixka bat lehenago hasi ziren erabiltzen, Gogorkeriaren aurka gogortasuna lelopean–. 1967an jo zuten lehenengo efektu kolpea: Bilboko Gran Vía sotanadun manifestariz bete zen, greba luzea zeramaten Etxebarriko Laminaciones de Bandas fabrikako langileekin bat eginez. 1967an abadeek Bilbon egindako manifestazioaren irudi bakanetako batzuk Venezuelako 'Gudari' aldizkaritik hartuak. Halaxe iritsi zen 1968 urtea. Marthing Luther King hil zuten urtea. Eta Txabi Etxebarrieta. Paris. Praga. Vietnam. Arantzazuko batzarra eta Zamorako kartzela. Meliton Manzanas. Itziarren semea. Bosgarren asanbladaren ondorioak. ETAren barruan fronte ezberdinen sorrerak ekarriko du erakundea "herriko gaietan sartzea", Barandikaren hitzetan, eta horrek eragin handia izango du hurrengo urteetan.   1968ko uztailean eta abuztuan abade talde batek itxialdi bi egingo ditu Bilboko gotzaindegiaren bulegoetan, besteak beste Etxebarrietaren aldeko hileta-mezak debekatzen Gobernadore Zibilak kaleratutako agindua arbuiatzea eskatzeko. Erantzuna betikoa da eta Lazkaoko Beneditarren artxiboan gordetzen den gutun batean leitu dezakegu: " Sirve de escándalo a los fieles, y de ofensa a la Iglesia y a la Patria ". 1968ko udan Bilboko gotzaindegian itxi zirenen aldeko abadeen sinadurak.   Derio: "Lau, lau, mila" Azaroaren 4an, arratsaldeko lauretan, eta mantenu gastuetarako mila pezeta poltsikoan. Lau, lau, mila . Horixe zen Derioko seminarioko atarira joateko kontsigna. Betiko erantzunez aspertuta, zerbait indartsuagoa egiteko asmoz planeatu zuten ekintza hura abadeek. Baina zergatik Derio? "Epe luzerako zerbait izango bazen ezin genuen katedral batean sartu –dio Barandikak–, halako eraikin bat behar genuen: oheak zituen, salak... eta ondo ezagutzen genuen tokia zen, hori inportantea zen. Baina batez ere, erresonantzia kutxa handi bat izango zen seminarioa". 1968ko azaroan Derioko seminarioko okupazioa hasi aurretik txosten mardula idatzi zioten Paulo VI.a Aita Santuari, Euskal Herriaren egoera azaldu eta abadeen eskariak laburbilduz –besteak beste Euskal Herri osorako gotzain batzordea sortzea–. Luis Mari Laibarra Orozkoko Urigoiti auzoko abadea izan zen testu hura egituratu zuena, eta Josu Barandikaren ustez Askapenaren Teologiaren aitzindaria izan liteke, 70eko hamarkadatik Hego Amerikan arrakasta handia izan zuen kristau-korrontea. Funtsean, euskal abadeen testuak Eliza Pobrea, Askea, Bizia eta Bertokoa aldarrikatzen zuen: "'Bertoko' hitza 'indigena' bezala ere itzuli genuen apropos –dio Barandikak–, Hego Amerikako mugimendu indigenistei begira, gurea ere umiliatutako herria baitzen".  Itxialdia ez zuten egunetik biharamunera pentsatu. Aurretik euren mezua ondo landu zuten txosten zabal batean. Idatzi horren hezurdura Luis Mari Laibarrak egin zuen, Orozkoko Urigoiti auzoko abadeak. Barandikaren etxe berean bizi zen Laibarra: "Berak armatu zuen dokumentua, idazten zuen eta gero gauean komentatzen genuen". Azkeneko ukituak Periko Berrioategortuaren Zornotzako etxean egin zizkioten, eta itxialdiaren bezperako egun euritsu batez tren geltokian utzi zuten txostena, Martin Olazarrek eta Juan Mari Arregik Erromara eraman zezaten: "Euskal Herriarekin lotura zuten goi arduradun erlijiosoen bidez saiatu ginen Paulo VI.a Aita Santuari helarazten, baina ez zen erantzun ofizialik izan", dio Arregik. Hortik denbora gutxira gauza bera egiten saiatu zen, alferrik, Martin Orbe abadea. Eta urtebetera poliziek Bilboko Artekaleko operazioaren harira atxilotu zutenean, larrutik ordainarazi zizkioten halako atrebentziak [ikusi 25. orrialdeko artikulua]. "Ezin zara torturaren zamapean egon bizi guztian" aitortu du berriki ARGIArekin (2.613 zk.) izandako elkarrizketan . Derioko seminarioko atea gurutzatu orduko, agertoki politiko gogor baten parte bihurtu ziren abadeak. Poliziaren zortzi Seat 1500, hiru jeep eta bi autobus. Agenteak barrura sartu nahian. Seminarista eta irakasleak haien parean. A divinis zigorra eta meza gabeko igandeak herri askotan. Abade katalanen elkartasuna: " Amb la situació en que es troba tot el Poble Basc ". Espainiako Estatuko prentsan curas rebeldes edo curas problemáticos deitzen zieten bitartean, nazioarteko prentsan ekintzaren arrazoiak zehatz plazaratu zituzten. Oker dabil uste duenak urruneko historia bat dela honakoa, orain bezala lehen ere, sistema aldatzeaz ari baitziren, erlijio eta fedeaz baino Itxialdiaren zabalpena egiteko talde bat sortu zen abadeen artean, hala nola seminarioko erretoreekin hitz egiteko eta jatorduak antolatzeko beste talde bana. Bilboko Cantábrico tabernan prestatzen zituen hango jabeak –gero Iñakiren Taberna ireki zuenak– seminarioko okupentzako otorduak: "Nik uste Iñakik gehiena dohainik egin zuela", dio Barandikak eskerroneko irribarrea ahoan. Ekintza hura diruz lagundu zuen jende anonimo asko izan zen. Iluntzen zuenean, gauaren babesean, herrietara joaten ziren seminarioko itxialdian zeudenak, euren arrazoiak azaltzera. Lepo betetzen ziren aretoak. Hura ez zen greba bat, Elizaren kontra zuzenean sartzea baizik: euren eginkizuna bideratu nahi zuten "azpiratuta" zegoen herri baten alde. Gaixo zegoen Pablo Gurpide gotzaina hil eta Cirarda Bilboko gotzaindegiaren kargu egin ostean, handik egun batzuetara irten ziren abadeak seminariotik. Zergatik? Aste horietan idatzi zituzten buletin informatiboen azkeneko zenbakian azaldu zuten: "Eskatutakotik eztauskue emon baina urtetzea erabagi dogu. (…) Kanpoan aurrera egiteko asmoa daukagu, gure elburuak lortu arte gure Erriagaz batera ta geure Erriaren onerako". Derioko "seminario txikiko" sotoa eta lehen pisua –hor egin zituzten abadeek batzarrak okupazioak iraun bitartean– eta eraikin barruan garai hartako eserlekua hautsak janda.   "Elizak aldatu gintuen gu" Herri mugimenduei laguntzea hitzemanda amaitu zuten okupazioa abadeek. Askok uko egin zioten Estatuaren soldatari, lan zibilak bilatu zituzten, eta erakunde sindikal edo politikoetan hartu zuten parte; protestekin ere jarraitu zuten, 1969ko maiatzean abade talde batek egindako gose-greba kasu. "Eliza aldatu nahi izan genuen eta berak aldatu gintuen gu", dio Juan Mari Arregik. Atxiloketak, torturak, urte askotako zigorra Zamorako apaiz-kartzela berezian , erbestea... Hartutako konpromisoak errepresioaren jomugan jarri zituen abade asko eta Gogor taldea praktikan desmantelaturik geratu zen. Baina Gogor diskoa utzi zuten oroimenerako .
news
argia-a6db430a57ca
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/emakumeen-partaidetza-kirol-erakundeetako-erabakietan.html
Emakumeen partaidetza kirol erakundeetako erabakietan
Ainhoa Azurmendi
2018-11-11 00:00:00
Emakumeen partaidetza kirol erakundeetako erabakietan Orain dela aste batzuk, berdintasuna eta kirola hizpide izan duten toki zein nazioarteko biltzarretan parte hartzeko parada izan dut. Gai oso ezberdinen inguruan hausnartu den arren, gaurkoan, kiroleko erabaki guneetan emakumeen parte-hartzeaz idatzi nahi dut. Zuzenbide arloko aditu batek aitatu zuen, kirol federazioetan "emakumea eta kirola" batzordeak sortzea segregazio modu bat dela, eta emakumeek zuzendaritza batzordeetan beharko luketela, emakumeen gaiak jorratzen dituzten batzordeak zuriketa politiko bezala erabili ordez. Hasiera batean ados egon ninteke baieztapen horrekin, alabaina, ikerketek eta esperientziek erakutsi digute erakundeetako kultura aldatzen ez den bitartean egitura aldaketek ez dituztela berez emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko berrikuntzak edo aldaketak bermatzen, bereziki, emakume kirolarien egoera hobetzeko ezarri beharreko neurriei dagokionez. Kirol federazio eta kluben kultura aldatu artean, ezinbestekoa deritzot emakumeen batzorde edo erabaki-hartze organo bereziak sortzea, emakumeek beraiek hartzeko haien kirol jardueraren inguruko erabakiak Zalantzarik ez dago erabaki-hartze organoetan emakumeak egotea oso garrantzitsua dela, besteak beste, egiturei itxura iragazkorrago eta anitzagoa ematen dietelako. Baina hori bezain garrantzitsua da erabakietan genero ikuspegia kontuan hartzen dela ziurtatzea. Eta zoritxarrez, horren arrastorik ez egotea izan da luzaroan emakumeek kirol arloan pairatu behar izan dituzten hamaika bidegabekerien sustraia. Honetaz gain, askotan, zuzendaritza batzordeetan parte hartzen duten emakume bakanek bi jarrera azaltzeko joera izaten dute: indarrean dagoen kultura maskulinoa barneratu, berau iraunaraziz; edo ahalduntze aukeren ezean, bakardade sentimenduak gain hartuta, amore eman. Beraz, hainbat kasutan bi estrategiak aplikatzea da egokiena. Kirol federazio eta kluben kultura aldatu artean, ezinbestekoa deritzot emakumeen batzorde edo erabaki-hartze organo bereziak sortzea, emakumeek beraiek hartzeko haien kirol jardueraren inguruko erabakiak; besteak beste, zer-nolako diseinua, antolaketa, kudeaketa, baldintzak, eta abar nahi dituzten. Eta badira gurean horren beharra luketen kirolariak, esaterako, arraunlariak, futbolariak eta pilotariak. Ez da, bada, kasualitatea izango aipatutakoak tradizioz maskulinotzat jo diren kirolak izatea. Eta hori guztia kontuan izanda, kuoten aurka daudenei esango nieke energia gutxiago gastatzeko oinarririk gabeko argudio zentzugabeak asmatzen, eta benetan lan egiteko kirolean emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzeko.
news
argia-da9ed76f34c0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/beste-hitz-bat-zakarrontzira.html
Beste hitz bat zakarrontzira
Itziar Bardaji Goikoetxea
2018-11-11 00:00:00
Beste hitz bat zakarrontzira Haurrik eduki ezin duenak eskubidea al du beste emakume baten gorputza erabiltzeko? Merkatu kapitalistak ez du gorputzekin trafikatzeko arazorik. Libertatea defenda dezagun: bere uteroa alokatzen duenak erabaki "librea" hartzen duen bitartean, diruduna ere libre da bere diruarekin nahi duena erosteko. Eskubidea du. Amatasuna eskubidea al da? Beren seme-alaba nerabeei mugikor berri bat erosteko "beharra" duten giza-onek lana edukitzeko eskubidea ere omen dute: eskubidea esplotatua izatekoa. Instituzioek lana bermatu beharko lukete, langabezian daudenak kontratatu, beharrezko diren edo ez diren jarduerak egiteko. Ba al du zentzurik horrek? Yemengo haurrek elikatzeko eskubidea dutela idaztean, eskubide hitzaren letrak urtu egiten direla iruditzen zait. Aireak eramaten ditu, hondarrez eginda balira bezala. Presoek ere eskubideak omen dituzte. Eta badira urte batzuk Euskal Herrian eskubide horiek modu akasgabe zibilizatuan "eskatzen" ari garela. Eta eseri egiten gara eskubideak noiz iritsiko, apur bat atzeratzen diren autobusak bailiran. Eskubidea gaitasuna baino ezer gehiago al da? Hitz honek zerbaitetarako balio al digu?
news
argia-fe63556d88a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/eskola-jantokietako-iruzurren-erantzuleak.html
Eskola jantokietako iruzurren erantzuleak
Juan Mari Arregi
2018-11-11 00:00:00
Eskola jantokietako iruzurren erantzuleak Eusko Legebiltzarreko batzorde batek 2003 eta 2015 artean eskola jantokietan izandako iruzurra ikertzen dihardu; iruzur horren ondorioz dozenaka milioi euro galdu dituzte diru-kutxa publikoek. Sektoreko enpresek adostu zuten merkatua banatu eta zerbitzuaren prezioa nahita puztea. Oso larria, eskandalagarria eta susmagarria da administrazioak urte horietan konpainia talde bat kontratatzea, euren artean prezioak puzten aritzea, eta alarmak ez jotzea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dioen moduan, harritzekoa da "denbora tarte luze horretan ez egotea erreakzio edo ikerketarik, ezta inongo badaezpadako kontsulta, ez salaketarik ere" Eusko Jaurlaritzaren partetik, nahiz eta "esleipenak sistematikoki esku beretan geratzen ziren". Joan den astean batzorde horren aurrean agertu dira Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua (EAJ) eta bere aurreko hirurak: Isabel Celaá (PSE), Tontxu Campos (EA) eta Angeles Iztueta (EA). Ustekabean eta errezelo gehiago sortzeko, euren deklarazioa adostu balute moduan hitz egin dute, esanez ez zutela susmo edo irregulartasunik atzeman euren agintaldietan, eta legearen barruan aritu zirela. Noski, ez dute berengain hartu diru publikoari egindako iruzurraren erantzukizun politikorik. Halako narraskeria ezin da horrela geratu ordea. Eusko Jaurlaritzako kargu ohiek diote iruzur praktika hori ez zutela sustatu edo babestu, baina haiek eta exekutiboa bera gutxienez badira erantzule politikoak, euren pasibotasun, moteltasun eta kontrol faltagatik. Ezin da onartu erantzulerik ez egotea eta Hezkuntza sailburuak lasai asko etxera joatea. Batzordeak ez luke iruzur milioidun horren ikerketa oinarririk gabe itxi behar: enpresa kartel horrekiko konplizitatearen itzala luzeegia litzateke.
news
argia-f33233d32520
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/txokolatea-uste-baino-1500-urte-zaharragoa-da.html
Txokolatea uste baino 1.500 urte zaharragoa da
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-11-11 00:00:00
Txokolatea uste baino 1.500 urte zaharragoa da Ekuador hegoaldeko Santa Ana-La Florida aztarnategian, kakaoaren kontsumo aztarnak topatu eta duela 5.300 urtetan datatu ditu hainbat unibertsitateko ikerlari talde batek, Nature Ecology & Evolution aldizkarian jakinarazi dutenez. Orain arte kakao kontsumoaren arrastorik zaharrenak Erdialdeko Amerikan topatu dira eta K.a. 1.900 urte ingurukoak dira. Aurkikuntza honi esker milurte eta erdi aurreratu da txokolatearen historia eta jatorria hegoalderago zegoela ondorioztatu dute, Amazonas ibaiaren goi ibilguan. Zalantzan dago, ordea, ordurako kakao landareak etxekotuta zituzten edo basa landareetatik bildutako aleak kontsumitzen zituzten.
news
argia-72ba69e34c0d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/jade-daniels-black-lives-matter.html
"Beltzon askatasunak pertsona oro askatuko du"
Nerea Eizagirre Telleria
2018-11-11 00:00:00
"Beltzon askatasunak pertsona oro askatuko du" Jade Daniels (1992, AEBetako Ipar Carolina) etengabeko mugimenduan dabilen artista, ekintzaile eta idazlea da. Kazetaritza ikasketak egin zituen eta egun, Glassroots Global Justice Alliance elkartearentzat komunikazio arduradun gisa egiten du lan, Los Angelesen. Horrez gain, Black Lives Matter mugimenduko kide aktiboa da, baita Santchpower, artista afro-futurista queerrek osatutako kolektiboaren zuzendaritzako kide ere. Beltza eta emakumea, AEBetan. Noiz hasi zinen kateak sentitzen? Nerabezaroan sentitu nuen haien estualdia. Ipar Carolinako haurtzaindegian kolore guztietako haurrez inguratuta ginen, baina gero, institutu garaian, Coloradora mugitu ginen; eta klaseko beltz bakarra nintzen.  Onartua izan asmoz, txuriak bezala janzten eta hitz egiten hasi nintzen. AEBetan emakume beltz eta queerra izateak, ikusezin izatea dakar. Ez zara existitzen. Ez zaituzte ikusten, ez zaituzte aditzen. Eta ikusia edo aditua bazara, berehalakoan "arazo" bilakatuko zara eurentzat. Gehiegi hitz egiten omen dugu, espazio larregi geureganatzen. Testuinguru horretan biziraun ahal izateko, isilik egoten ikasten duzu gazte-gaztetatik, ezinbestean. Zerk eragin zuen aktibismorako jauzia ematea? 2016ko udara zen. Poliziak Philando Castile erail zuen, haren neska-lagun eta umearen aurrean. Handik egun gutxira, New Yorken, beste pertsona beltz bat tiroz hil zuen Poliziak. Garai hartan, ume-zaindari lanetan ari nintzen Los Angeleseko familia txuri batentzat. Facebooketik ikusi nuen Black Lives Matter rekoak Los Angeleseko udaletxean kanpaldia egiten ari zirela, protesta gisa. Argazkia: Irantzu Pastor Hara nindoala, jendea haserre topatuko nuela espero nuen. Hedabideek beti islatu ohi dituzte pertsona beltzak haserre eta oihuka protestaldietan. Iritsi nintzenean, hura sorpresa! Denak borobilean jesarrita ikusi nituen, abesten eta danborrak jotzen, lagun-giroan.  "Hi sister!", beso zabalik hartu ninduten. Gau hunkigarria izan zen, malkoren batzuk ere isuri nituen. Estreinakoz, etxean sentitu nintzen. Udara osoa igaro nuen bertan, gau eta egun kideekin. Liburutegi bat ere bagenuen, eta bertan irakurri nituen Assata Shakur eta Malcolm X-ri buruzko biografiak. [Kwame] Nkrumah edota askatasunaren aldeko beste hainbat borrokalariren inguruan solastu ginen. Bertan erradikalizatu nintzen. Lehen haserre gisa bizi nuena, pentsamendu politiko bilakatu nuen. Ordura arte bakarrik jasan izan nuena, kolektiboki artikulatzen hasi nintzen kanpaldi hartan. Zein testuingurutan sortu zen Black Lives Matter mugimendua? Trayvor Martinen erailketaren erantzunak leherrarazi zuen egoera. Ohiko manifestaldiak eta protestak jada ez ziren nahikoa, jendeak haratago joan nahi baitzuen. Asanblada horietako batean, Black Lives Matter traola jaurti zen sarera eta hortik aurrerakoa, jakina da. Egin ahala sortzen joan den mugimendua da gurea. Noski, ez ginen ezerezetik sortu, ongi ondutako lurretik baizik. Pantera Beltzak dira gure erreferentzia nagusia. 1970. hamarkadako testuinguru hartan garaipen handiak izan zituen beltzen askapen mugimenduak. Geroztik ordea, etena egon da. Errepresioak eragin handia izan du. Alde batetik, crack kokaina hedatu zuten beltzon auzoetan, eta aitzakia horren pean beltz drogazale gaizkilearen irudia eraiki. Auzoko edonor sartu zuten kartzelan, beltza izate hutsagatik susmagarria izan zitezkeen. Aldi berean, mugimenduko liderrak kartzelaratu zizkiguten. Mumia [Abu-Jamal] esaterako, oraindik presondegian dago. Eta Assata Shakurrek FBIren zerrendako bilatuenen artean jarraitzen du. Memoria kolektibo horretatik sortu gara gu. 2009. urtean Obama hautatu zuten presidente. 2017an berriz, Donald Trump. Zer gertatu da tarte horretan? Obama sinbolo baliagarria izan zen pertsona beltzontzat. Baina aldi berean, eragin kaltegarria izan zuen, jendeak erakundeetan delegatu zuelako beltzon askapen prozesua. Horrexegatik, aldi berean, gure etsaia izan zen [Obama]. Egia esateko, ezer gutxi egin zuen beltzon alde. Aurreko presidenteek baino pertsona gehiago deportatu zuen, aurrekoek baino lehergai gehiago jaurti zuen drone bidez guda eremuko herrialdeetan; oso presidente bortitza izan zen. "Biluzik dagoen enperadorea da Trump" Bestalde, Trump AEBetako neurri-neurriko ispilua baino ez da, egoki ordezkatzen ditu jendarte arrazistaren baloreak. Okerrena zera da, karguan dagoenetik, pertsona arrazistak ahaldunduago sentitzen direla. Deabru guztiak ilunetik argira datoz orain. Biluzik dagoen enperadorea da Trump. Ezin dugu, inolaz ere, haren indarra gutxietsi. Jendartea politizatu egin da eta banaketa handia eragin du. AEBei ispiluan begiratzeko unea iritsi zaie, genozidio baten ondorioz eraikitako herrialdea dela onartzeko garaia da. Egun, gure herrialdearen izenean munduan egiten diren sarraskiez ere hausnartu beharko da. Argazkia: Irantzu Pastor Mundu mailan faxismoaren gorakada gertatzen ari den honetan, kalean beltzen aurkako erasoak ugaritzen ari direla sumatzen al duzue? Duela egun batzuk, 18 urteko neska bat autobusetik bota zuen gizon txuri batek San Frantziskon. Astero-astero tirokatzen dute gure jendea. Erasoak eguneroko ogi zaizkigu. Pertsona beltzok ez diogu Poliziari deitzen eraso bat edo lapurreta bat jasanez gero. Erasoaren biktima izan arren, sarri poliziek pertsona beltzari atxiki ohi dizkie karguak. Genero indarkeriarekin gauza bera gertatzen da; Polizia etorriagatik, erasotzaileak aske gelditu ohi dira eta biktimak berriz, babesgabe. Kontuan izanik Estatuak ez gaituela babestuko, gure komunitateko sareen barruan autodefentsa sistemak eraiki behar ditugu. Beltzen askapen prozesuak zer eragin du beltzak ez diren pertsonengan? Beltzon askatasunak pertsona oro askatuko du. Arrazismoaren aurka borroka egin nahi badugu, nahitaez, Afrika askatu behar dugu. Aldi berean, gure jendartean barne-lanketa handia egin beharra dago. Benetan sinetsi behar dugu ezin dela inor mendean hartu. "Erasoak eguneroko ogi zaizkigu. Pertsona beltzok ez diogu Poliziari deitzen eraso bat edo lapurreta bat jasanez gero" Beltzok bakarrik ez, nazioek edota zapaldutako edozein kolektibok daukate autodeterminazio eskubidea. " Black lives matter " (Beltzon bizitzak axola du) oihukatzen hasi ginenean, jendeak egotzi zigun " All lives matter " (Bizitza guztiek axola dute) beharko lukeela. Leloaren harira sortu zen zalapartak argi erakutsi zuen zeinen beharrezkoa zen beltzon bizitzak erdigunean jartzea. Egun oraindik, beltzon bizitzak ez baitu balio bera. Nola antolatzen zarete? Lidergoa deszentralizatzen saiatzen ari gara. Black Powers mugimenduetan historikoki, liderrari eraso egitea nahikoa izan da mugimendua hiltzeko. Horrelakorik gerta ez dadin, bururen bati eraso eginez gero, berehalakoan lema hartuko luketen askotariko gidaritzak sortzen ari gara. Koordinakunde nazionala dugu, baina lurraldeetako taldeak autonomoak dira. Horrez gain, mugimenduaren barruan, emakumeak, queerrak edota bestelako identitateak geure kabuz biltzen gara. Badago " White people for black lives " izeneko taldea ere. Arrazismoaren aurkako pertsona txuriek osatzen dute. Ezin dira gure asanblada orokorretara etorri, baina eurekin koordinatzen gara. Esaterako, manifestaldi batean tentsio momenturik egonez gero, Poliziaren aurrean jartzen dira. Pertsona txuriak lehen ilaran egonez gero, poliziek tentu handiagoz jokatzen baitute.
news
argia-6d48b4b60960
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/heriominak.html
Heriominak
Iratxe Retolaza
2018-11-11 00:00:00
Heriominak Hamarkada luze baten ondoren Sonia Gonzalez idazleak hitza hartu du, oraingoan saiakera-eran. Hala dio Erreka haizea -n: "Zergatik utzia nion idazteari galdetu ohi zidaten. Inork gutxik ulertu ahal zuen ezin niola literaturari barkatu errealitateaz sendatu ez izana". Hartara, fikziotik eta literatur adierazpideetatik urruntzeko asmoz, saiakeraren diskurtsora hurbildu da, baita lekukotza pertsonalera ere. Erreka haizea -n, beraz, pentsamenduak, lekukotzak eta ametsak bildu ditu Gonzalezek, testu laburretan gorpuztuak, errealitate-minak adierazteko. Diskurtso-molde ezberdinak erabilita, maila berean kokatu ditu gogoetak, emozioak zein ametsak, errealitatea antzemateko eta ulertzeko hirurak gako direla iradokita. Esan gabekoei edo esan ezin direnei ahotsa jartzeko asmoa nabari da. Bere buruaz beste egiteko gogoa izan duela adierazten du idazleak, eta esperientzia horri tira eginda, Mendebaldeko tabuetariko batek zeharkatzen du liburua: suizidioa. Halaber, beste hainbat gai ere jorratzen dira, nola edo hala buruaz beste egiteko nahiarekin harremana badutenak: ezerezaren gosea, galerak eta barne-minak, botere-harremanak, genero-zapalkuntzak, erruak eta damuak, sufrikarioaren kultura, eta abar. Kezka horiek guztiak ez ditu hari berean josi, gairik gai saltoka baitabil saiakeran zehar, baina elkarri oihartzun egiten diete testuek, eta batasuna nabari da mundu-ikuskeran, tonuan zein giroan. Ideia eta gogoeta batzuk errepikakorrak egiten dira liburuan zehar, baina, errepikapenak baliagarri dira testuen arteko loturak egiteko. Literaturak ere presentzia handia du saiakera honetan. Besteak beste, bere buruaz beste egin duten idazleak dakartza gogora (Virginia Woolf, Alfonsina Storni, Anne Sexton, Sylvia Plath…), nolabait ispilu zaizkionak. Ildo horretatik, idazketaren zein suizidioaren arteko hartu-emanez gogoeta egiten du, baita literaturaren ahalmenez zein gabeziez ere. Poemak ere biltzen ditu hausnarketetara, idatzitakoaren eta gertatutakoaren arteko arrakalak azalerazteko asmoz. Politikoki zuzenaren garaiotan, eskertzekoa da zaurietara, zulo ilunetara, zitalkerietara zein botere-nahikerietara zintzotasunez hurbiltzea.
news
argia-ec07f9d5a959
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/waran-kangeyan.html
"Tamilek gogotik eusten diote hizkuntza transmisioari"
Miel Anjel Elustondo
2018-11-11 00:00:00
"Tamilek gogotik eusten diote hizkuntza transmisioari" Waran Kangeyan (Brent, Londres, Erresuma Batua, 1991) udan izan zen Euskal Herrian. Gaztea da bera eta HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketara etorri zen.  Tamila da, baina ez da ez Sri Lankan ez Indian jaioa. Londrestik bidaiatu zuen Gasteiza hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten duten gazteak ezagutzeko asmoz. Tamil etniakoek Sri Lanka iparraldean bizi zuten arrazakeria eta diskriminazio egoerak beharturik, Europara egin zuen Kangeyanen aitaitak XX. mendearen erdialdera, eta haren urratsen ondotik heldu ziren, tantaka, Ingalaterrara gainerakoak. Han jaioa, ingelesez hazia da Kangeyan. "Gurasoek tamilera hitz egiten zuten baina, guk, senideok, gaitasun hobea dugu ingelesez, tamileraz baino. Gero, hazitakoan, Indiara joan, zenbait hilabete Tamil Nadu eskualdean eman eta hainbestean jarri nintzen tamileraz hitz egiteko. Ez zen aise izan, hango ahoskera eta etxean aditu nuena diferenteak zitzaizkidan. Egun, ulertzeko zailtasunik ez dut. Hizketan egin behar dudanean datozkit korapiloak". Sri Lankako iparraldean ez ezik, Indiako Tamil Nadu eskualdean ere indarrean da tamilera, hindia eta ingelesa hizkuntza koofizialak diren herrialdean. Hortxe gatazka. "Tamilek beren hizkuntzari eutsi nahi diote. Indian, hasteko, hindia eta ingelesa dira bi hizkuntza ofizialak, baina tamilak ez hindiz ez ingelesez bizi dira. Gehiengoaren hizkuntzan gabe, tamileraz bizi dira, eta tamileraz bizi nahi dute, hindiaren aldekoen presioei kontra eginez. Tamilek gogotik eusten diote belaunen arteko transmisioari, eskolan ere tamileraz egiten dituzte ikasketak... Hala ere, hizkuntza gutxitua da. Aski duzu polizia-etxera joan, laster esango dizute hitz egiteko hindiz edo ingelesez, ez hitz egiteko tamileraz". Eta egoera ez da hobea Sri Lankan, tamil etniaren lurraldean. "Gure herria diskriminaturik bizi da, arrazakeria hor da oraindik. Tamilera, berriz, hizkuntza gutxitua da, eta etorkizuna ere ez da garbi ageri. Tamil askok alde egin du Sri Lankatik...". Hedabideak ere badira tamileraz, nahiz muga handi bat duten: adierazpen askatasuna: "Esate baterako, tokiko prentsa da tamileraz, baina ez du gobernuaren kontra hitz egiterik. Ez da debaldeko kontua. Azken hamarkadetan hainbat kazetari hil dituzte. Prentsak hainbat eraso jaso ditu". 1983tik 2009ra bitartean Sri Lankako gerra zibila da beti atzean, tamil herriaren burujabetasun gogoa. "Gure komunitateak botoa eman nahi du, katalanek eta, beharbada, euskaldunek bezala. Ez du inoren mende bizi nahi. Ez zieten aukerarik eman. Eta biolentziaren bidea hartu zuen askok. Giro horretan, tamileraren liburutegia erre zuten, 19.700 liburu eta eskuizkribu galdu ziren, 2.000 urteko tradizio idatzia!". Ontzat eman zuen HIGA biltzarra. "Nire irudiko, eredugarria izan da, nazioarteko biltzarra nola antolatu behar den erakusteko balio izan du. Bat-bateko itzulpen zerbitzu eta gainerakoak. Oso interesgarria izan zait. Ikusi dut hizkuntza komunitate bakoitza bere bidea egiten ari dela. Denek jasaten dute nola-halako zapalkuntza, eta kontrako hizkuntza politika bat". Euskarari buruz, berriz, Waran Kangeyanek dioena: "Eredu da hizkuntza berreskuratu nahi duten komunitateentzat, inspirazio iturri". Eta hor dabil, txapela buruan, munduan. "Non edo non Euskal Herritik zabaldu da txapela batera eta bestera, hainbat idazle eta artistak erabili du, eta halaxe darabilt nik ere".
news
argia-a52b5132c38c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/errotik-berritu.html
Errotik berritu
Karmelo Landa
2018-11-11 00:00:00
Errotik berritu Euskal Herria komunitate beregaina eta independentea izan daiteke etorkizunean, eta horixe da berton bizi garenoi komeni zaiguna. Jakin behar dugu, ordea, bideak zabaltzen. Kontu hau oso modu egokian ari da plazaratzen Eusko Ikaskuntza, bere Kongresu ibiltarian (Baionatik Oñatira, Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostia bidean eginda), eta hortik irakaspen bikainak lortuko direla uste dut. Azkenaldian han eta hemen zabaltzen ari da kezka: ez ote den gero eta ahulagoa Euskal Herriaren izaera komunitarioa. Ez dagoela lurralde guztiak elkartzeko moduko sinbolo edota ikurrik; administrazio berezituen egunerokotasunak urrundu egiten gaituela elkarrengandik, edota euskaldun izatearen kontzientzia bera lainotzen ari dela, batez ere belaunaldi berrietan. Euskal Herria ez da asmakizun akademiko edo politikoa, errealitate errotua da, eta erro horiek ondo zehaztea komeni zaigu, gerora proiektatzen dugun komunitate beregainak oinarri sendoak izan ditzan   Euskal Herria ez da asmakizun akademiko edo politikoa, errealitate errotua da, eta erro horiek ondo zehaztea komeni zaigu, gerora proiektatzen dugun komunitate independenteak oinarri sendoak izan ditzan. Kontua ez da orain daukagun puzzle soziologiko-linguistiko-administratibo honetako zatiak elkarren ondoan jarri eta horri konfederazio plurala deitzea. Zatiketa, zapalkuntza, inposaketa edo ordezkatze behartua ezin direlako, besterik gabe, "aniztasun librearen agerpen" kontsideratu. Goazen, beraz, erroetara eta ikus dezagun benetan zergatik eta zertarako merezi duen Euskal Herria eraikitzea. Zeintzuk diren nazio eraikuntza horren helburu kolektiboak. Etorkizuneko Euskal Herria ez da paper zuri baten gainean marraztu daitekeen zerbait. Errealitate gordinaren gainean ari gara lanean. Barne eta kanpo errealitate ezin gordinagoa, baina irakaspenez betea. Katalunia gugandik hurbil dugu, zentzu guztietan. Prozesu katalanak ireki du une honetan Espainiako Estatu esklerotikoaren krisi sakona, eta hori bera guretzat ate irekia izan daiteke, Euskal Herria eraikitzeko estrategia partekatua adosteko gai bagara. Behar den denbora guztia emanda, baina helburuetan  argia eta erabakietan ausarta eta koherentea. Euskalduntasun berriaren baloreak ez dira esentzia abstraktuak, ez dira amets utopikoak. Balore zehatz eta sustraituak dira, euskaratik hasi eta gure kultura komunitarioak dituen ezaugarri positibo guztietatik jarraituz. Gure historiaren irakurketa positiboak gure esku jartzen duen oinordetza benetako altxorra da etorkizuneko euskaldunon komunitatea irudikatzeko orduan. Euskal Herriaren jakintza partekatu behar dugu eta nazio eraikuntzan proiektatu. Baina has gaitezen, orduan, horretarako tresnak eskuratzen: hezkuntza sistema independentea, komunikabide-sare beregaina, sistema politiko-administratibo beregainak. Has gaitezen gaurtik geure buruaren jabe izaten. Errotik berritu, etxetik hasita. Ituna berton, ezer baino lehen. Aski da alde bateko L´ésprit republicain eta besteko Pacto con la corona horietaz. Mila ipuin kontatu digute orain arte, gainean jarri dizkiguten bi sistema inposatzaile eta asimilatzaileak zuritzeko intentzioz, baina estatu horien krisia, itxikeria eta inboluzioa inoiz baino nabarmenagoak dira orain. Badugu zer irabazi euskaldunok Euskal Herria errepublika independente bezala antolatzen badugu. Eraikuntza langileak behar dira hemen.
news
argia-7563a116aee6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2620/hamarkada-luzea.html
Hamarkada luzea
Mikel Zurbano
2018-11-11 00:00:00
Hamarkada luzea Amerikako Estatu Batuetan (AEB) duela hamar urte lehertu zen finantza krisia eta oso bizkor hedatu zen Europara, baita munduko bazter gehienetara ere. Atzeraldi handiak indarrean daude oraindik, eta horiek hainbat ondorio txertatu dituzte ekonomian eta gizartean, baita politikara eraldaketa ikusgarriak ekarri ere. Mendebaldeko gobernuek egindako krisiaren kudeaketak, hasieratik lehenetsi zuen bankuen eta finantza sistemaren biziraupena. Ordainean gastu sozialaren murrizketa indartsuak pairatu dituzte, batez ere Europa hegoaldean, aurretik globalizazioak bultzatutako eragin larrienak hauspotuta. Horrenbestez, pobrezia eta desberdintasunak bizkortu egin dira nonahi. Aurreko motelaldietan bezala, gizatalde ahulenak austeritate politiken galtzaile nagusiak izan dira oraingoan ere. Krisiak II. Mundu Gerraren ostean eraikitako oreka politiko globala astindu du, bere eragina kontuan hartu gabe ulertezina baita Trump presidentearen hautaketa, Brexitaren aldeko botoa edo Europako eta Amerikako hainbat herrialdetako eskuin muturraren gorakada. Krisiaren hasierako larritasuna leundu den arren finantza leherketak sistema kapitalistaren izaera bera aldarazi du. Urteotako krisiak herritarren eskubideen galera ardatz duen ekonomia eta industria erlazioen eredu berria sortu du. Bestalde, enpresa erraldoiek, bankuek, inbertsio fondoek eta teknologia talde handiek gero eta botere gehiago eskuratu dute Estatuaren boterea bera zalantzan jartzeraino. Hala erakusten du adibidez zerga politikaren mugak, izan ere, zerga paradisuen hedapena mehatxu larria da ongizate estatuarentzat. Krisiak II. Mundu Gerraren ostean eraikitako oreka politiko globala astindu du, bere eragina kontuan hartu gabe ulertezina baita Trump presidentearen hautaketa, Brexitaren aldeko botoa edo Europako eta Amerikako hainbat herrialdetako eskuin muturraren gorakada Haatik, mendebaldeko herrialdeen egungo eztabaida politikoak finantza araugintzaren garrantzia alboratu du eta gastu publikoaren kontrolaren aldeko borrokari eman dio lehentasuna. Gobernu eta politikari kontserbadoreek krisiaren jatorria arrakastaz berrikustea lortu dute eta azpimarra zerga politikaren kontrol gabezian ipini dute berezko kausa –finantza sektorean izandako kontrol eza– ezkutuan utzita. Honela, krisiaren atzean dagoen merkatu librearen porrota mozorrotu egin da eta ongizate estatuaren kostuen eztabaida azaltzen da erdigunean. Europar Batasunean (EB) diru politika hedakorra austeritate politika gogorrekin tartekatu da, hazkunde ekonomikoa sustatu da –ahula bada ere– baina ordainean lan merkatuaren zatiketa eta enpleguaren kalitatean narriadura nabarmena pairatzen ari dira euroguneko herrialde ugari, batez ere gazteak eta emakumeak. Halaber, finantza sistemaren berregituraketak oso bide laburra izan du EBn. AEBetan ez bezala, EBn bankuei emandako laguntzaren zati handi bat ez da berreskuratu –erakundearen estimazioek 200.000 milioi euro baino gehiagoko kopurua aipatzen dute–. Gainera, Estatuak banketxeen azken buruko babesleak izateari uzteko EBk 2012an ezarri zuen helburuak ez du aurrera egin. Ekainean burututako azken gailurrean ez zen urratsik eman Europa mailako Gordailuen Bermerako Fondoa eraikitzeko bidean. Hondamendiaren hamargarren urteurrenean egonkortasuna urrun dago. Finantza sektoreak munduko ekonomian duen pisua gero eta handiagoa da. Forbes aldizkariak urtero egiten duen enpresa handienen zerrendako lehen hamarren artean zazpi banketxe daude. Sektoreko araugintzan ezer gutxi aurreratu da eta, beraz, finantzaren esparruko arrisku maila duela hamar urtekoa bezain handia da. Bestalde, egungo munduko zorrak 2007koa aise gainditzen du eta  barne produktu gordina baino lau bider garaiagoa da. Interes tasaren igoerarekin eta merkataritzaren protekzionismoan aurrera egiten bada, ondoren agian, duela hamar urteko eztanda errepika liteke.
news
argia-c5e066944baa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/olberen-denboraldi-mamitsua.html
OLBEren denboraldi mamitsua
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-11-05 00:00:00
OLBEren denboraldi mamitsua Opera zaleontzat disfrutatzeko garaia iritsi da, OLBEren denboraldia urriaren 21ean hasi baita. Benetan zoriondu behar da OLBE bere 66. denboraldian, hainbeste urtetan kalitatea eta ilusioa mantentzeagatik. Titulu gehiago edo gutxiago, krisi ekonomikoen arabera askotan, ohiko goreneko mailari hortxe eutsi dute. Aurtengo egitaraua bereziki gustagarria da. Errepertorioko lau titulu izango ditugu, operaren historiaren ibilbidea azaltzen dutenak: Don Pasquale, Manon, Salome eta Norma . Bestalde, gutxitan programatzen den Giuseppe Verdiren I Masnadieri operarekin jarraipena emango diote Tutto Verdi zikloari. Ziklo honen helburua da urteetan zehar Verdiren opera guztiak antzeztea. Izan ere, konpositorearen 28 operetatik, bakarrik hiru titulu gelditzen dira antzezteke, aurtengoa kontutan hartu gabe. Esan bezala, bost opera hauekin lirikaren munduaren bilakaera erakutsiko da. Verdiren I Masnadieri -tik hasita, XX. mendeko Richard Strauss-en Salome -raino, Belliniren Norma lan erromantikoa tartean izanda. Izarrak ere egongo dira aurtengo edizioan: Aquiles Machado tenore venezuelarra I Masnadieri-ren protagonista izango dugu; Carlos Chausson baxu handia disfrutatzeko aukera izango dugu Don Pasquale- ren emanaldietan; Celso Albelo tenorea protagonista gisa arituko da Manon operan; Emily Magee soprano estatubatuarra Salome izango da eta Anna Pirozzi eta Gregory Kunde gure artean izango ditugu Norma operaren bertsio gozagarria egiteko. Fosoan, bestalde, batuta onenak izango ditugu: Miguel Ángel Gómez Martínez, Alain Guingal, Erik Nielsen eta Pietro Rizzo arituko dira Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin batera. Halere, OLBEk ekintza gehiago prestatu ditu aurtengo ediziorako. Opera publiko berriei zabaldu nahi die, eta asmo honekin Opera berri programarekin jarraitzen dute, sarreren prezioa erdira jaitsiz; bestalde, GAZTEAM programarekin 750 bazkide gazterengana iristeko helburua dute. Eta ezin dugu ahaztu ABAO-TXIKI denboraldia, umeei zuzendua. Aurten 13. edizioa izango da, eta honako tituluak izango ditu: Toyshop, pampiñen mundo magikoa, azaroan, Gabonetako ipuin bat, urtarrilean, Dickensen ipuinean oinarrituta, Pedro eta otsoa, martxoan, eta Allegro Vivace, denboraldia amaitzeko. Beraz, opera asko eta ona. Gerturatu zaitezte.
news
argia-be53e186f076
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/sezesioen-geopolitika.html
Sezesioen geopolitika
Asier Blas Mendoza
2017-11-05 00:00:00
Sezesioen geopolitika Estatu independente berri bat jaiotzeko bi baldintza behar dira: indarkeriaren monopolioa aldarrikaturiko lurraldea eta nazioarteko aitortza. Lehenengo baldintza hiru arlotan gauzatzen da, bortxa legitimoa inposatzea, zergak kobratzea eta justizia egikaritzea. Bigarren baldintzak, aldiz, herrialdez herrialde bilatzen du estatu berriaren aitortza, arrakasta neurtzeko adierazlerik egokiena nazioarteko erakundeetan ordezkaritza lortzea da, Nazio Batuen Erakundean (NBE) kide oso gisa sartzea litzateke maila gorena. Herrialde batzuek bi baldintzak partzialki lortzen dituzte edo bakarra erdiesten dute osotasunean, bestean aurrera pausoren bat emanez edo ez. Horrela, estatu batzuek nazioarteko aitortza dute, baita gradu inportantean eduki ere. Adibidez, Palestinako Estatuak 130 herrialderen aitorpena du eta NBEko Batzarreko kide behatzailea da. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak hamarnaka nazioarteko aitortza ditu, baina Palestina bezala, de facto ez da independentea. De facto independenteak diren herrialdeek nazioarteko potentzia baten babesa behar dute isolamendu ekonomikoari aurre egiteko eta indarkeriaren monopolioa segurtatzeko. Ipar Zipreko Turkiar Errepublika ez litzateke bideragarria izango Turkiaren babesik gabe, ez litzatekeen bezala Karabakh Garaiko Errepublika (Nagorno-Karabakh) Armenia gabe, Kosovo Mendebaldea gabe edo Transnistria, Abkhazia, Hego Osetia eta Donbass Errusia gabe. Katalunia baina, ezin da herrialde guzti horiekin parekatu, besteak beste, mendebaldeko inperioaren bihotzean dago eta aberatsa da, horregatik, ez dago prest benetako aldebakarreko sezesio bat aurrera emateko aita/ama bitxirik gabe, indarkeriaren monopoliorik gabe eta nazioarteko aitortza gabe. Kataluniak martxan jarri duena estrategia berritzaile bat da: jatorrizko estatua presionatzea era baketsu eta demokratikoan eseri dadin negoziatzera autodeterminazio eskubidearen aitortza eta haren egikaritzea. Kataluniako aldebakarreko sezesioa etxean eta atzerrian aurrekari arriskutsu bat bezala ikusten du mendebaldeak. Adibidez, nola defendatu ahal izango lukete EBk eta NATOk Kataluniako aldebakarreko sezesioa eta Krimeakoa kondenatu? Geopolitika da Kataluniako ahulgunetako bat. SESB eta Jugoslavia zatitzeko proiektuak eta desioak asko ziren aspalditik, ez da azkarra izan behar praxia eta arlo diplomatikoaren arteko hizkera bereizteko. Esloveniako erreferenduma gertatu aurretik mendebaldetik arma saltzen zitzaizkien Eslovenia eta Kroaziari eta AEBetako kongresuak Jugoslaviari finantzazioa ukatu eta errepublikei soilik finantzatzeko legea onartu zuen. Bestalde, mendebaldeak ez zuen inoiz onartu Baltikoko herrialdeen okupazio sobietarra, eta esate baterako, 1983an, Europako Parlamentuak mozio bat onartu zuen okupazioa salatuz eta Baltikoko herrialdeen independentzia berrezartzearen alde. Kataluniako aldebakarreko sezesioa etxean eta atzerrian aurrekari arriskutsu bat bezala ikusten du mendebaldeak. Adibidez, nola defendatu ahal izango lukete EBk eta NATOk Kataluniako aldebakarreko sezesioa eta Krimeakoa kondenatu? Krimean 1990eko hamarkadan bi erreferendum antolatu ziren soberania aldarrikatzeko, trukean Kievek autonomia bahitu, argindarra moztu eta presidentea kargugabetu zuen. 2014an agertokia errepikatu eta hirugarren erreferendum batean hauteskunde erroldaren %83,1ek babestu zuen sezesioa. Tartean estatu kolpe bat egon zen Kieven eta Krimeak ejertzito eta estatu indartsu baten babesa izan du, Errusiarena. Kataluniak bide bakarra du Espainiaren gaineko presioa handitzeko. Kostu baxuko independentziaren propaganda bukatu da. Espainia negoziatzera derrigortzeko mendebaldearen irudiak sufritu behar du gatazka honekin. Horren adierazle bada Putinek eginiko adierazpenak moral bikoitza mahai gaineratuz afera honetan. Presioak gora egiten jarraituko du aldebakarreko independentzia aldarrikapena hilabeteak iraungo duen desobedientzia zibileko ariketa erraldoi batekin uztartzen bada, eta horrek kostu ekonomiko eta pertsonalak sortuko ditu.
news
argia-72d3d2bab562
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/haurdunaldi-subrogatua.html
Bai ala ez baino harago
Onintza Irureta Azkune
2017-11-05 00:00:00
Bai ala ez baino harago Aurreko mendeko 80ko hamarkadan jakin zuten zientzialariek emakume bat norberaren obuluz ernaldu ez zen umeaz erditu zitekeela. Orain herritarron ahotan dago gaia, gure ingurukoek egin dutelako edo egin nahi dutelako, eta batez ere, aldeko eta aurkako iritzi abaniko handia dagoelako. Euskal Herrira 250 haur inguru datoz urtero atzerriko emakumeen umetokietan hazita. Hemen debekatuta dago. Eztabaida ez da legeztatu edo debekatu, hori baino askoz korapilatsuagoa da. Konplexutasun hori ulertzeko gakoak eman ditugu erreportajean. Guraso izatea, desioa ala eskubidea? Pertsona orok guraso izateko eskubidea dauka ala guraso izatea nahia da? Etxebizitza izateko eskubidea daukagu, ordainpeko lana izatekoa, osasun zerbitzuak jasotzekoa... Nork du eskubidea zertarako? Gurasoak du eskubidea haurra izateko? Umetokia eskaini duen emakumeak zein eskubide ditu? Eta jaioko den haurraren eskubideak zein dira? Batzuen ustez, eztabaida honetan desioak eskubide mailan jartzen ari dira, eta eskubide batzuk beste batzuen gainetik jarri dira. Guraso izateko erabaki askeak gainerakoa gailendu du. Baliabideak eskura izateko eskubidea Gauza bat da guraso izan nahia eta beste bat horretarako dauden baliabideak denon eskura egoteko eskubidea. Guraso izateko modu bat baino gehiago dago: adopzioa, harrera familiak, obulu eta esperma donazioa, in vitro teknika, subrogazioa... Baliabide horiek herritar guztien eskura al daude? Bikote heterosexualek, gay bikoteek edo lesbiana bikoteek, emakume bakarrek, eta gizon bakarrek, aukera berak al dituzte baliabide horiek eskuratzeko? Maila sozioekonomikoaren arabera ez al dute herritar batzuek baliabide horietara heltzeko aukera gehiago? Baliabide ekonomiko gutxien dituztenak ez al dira jokoz kanpo gelditzen? Gayen kontua ote da subrogazioa? Hedabideetan zenbat bikote heterosexual agertu dira ordezkapen bidezko ernalketa edo subrogazioa legeztatzeaz hitz egiten edo atzerritik ekarritako haurrak erakusten? Ez ote ditugu gay bikoteak gehiago entzun? Ahots batzuek diote gayen lobbya lehen lerroan jarri dela subrogazioa legeztatzearen alde. Beste ahots batzuek diote haurdunaldi subrogatuan bitartekaritza lana egiten duten enpresek berariaz bikote homosexual gizonezkoak lehen lerrora ekarri dituztela: "Emakumeekin alderatuz guraso izateko aukera gutxiago dute, guk aukera eskainiko diegu". Beste kontu bat da ordezkapen bidezko ernalketa egin duten edo egin nahiko luketen bikote heterosexualek zergatik ez duten nahia publikoki adierazten: ez dago ondo ikusia; gurasotasun eredu tradizionalari eutsiz, subrogazioa ezkutuan izan eta gero haurra "betiko eran" izan dutenaren itxura eman daiteke... Kanadan haurdunaldi subrogatua egin duten bikoteen %20 gizonezkoak dira. Han truke komertzialeko subrogaziorik ez da onartzen, doakoa izan behar du eta osasun zerbitzu publikoen bidez kudeatzen da prozesua. 2014an, 1998 eta 2012 urte artean egindako ikerketaren emaitzak plazaratu zituzten: ordezkapen bidezko ernalketara jo zuten herritarren %80 ez dira bikote gizonezkoak. VAE eta Subrogalia subrogazioan bitartekaritza lana egiten duten enpresa espainiarrak dira. Antzeko datuak eman dituzte enpresok: Subrogaziora jotzen duten pertsonen %70-80 bikote heterosexualak dira. Gainerakoak gizonezko bikoteak, gizon bakarrak, eta gutxiago emakume bakarrak dira. Emakumeak bere gorputzaren gain askatasunez erabakitzen al du? Haurra bederatzi hilabetez bere sabelean izango duen emakumeaz ari gara. Emakume horrek ez al dauka eskubiderik berak erabakitzeko ordezkapen bidezko ernalketa egin nahi duen ala ez? Nor da nor hari ezer esateko? Subrogazioaren aldeko eta aurkako iritzien artean asko azpimarratu den ideia da. Gaur egun, munduan ordezkapen bidezko ernalketa egiten duten emakumeak oso baldintza desberdinetan ari dira horretan, eta egoera sozioekonomiko oso desberdinak dituzte. Bigarren ideia hori da subrogazio komertzialaren aurka hitz egiten dutenek mahai gainera ekartzen dutena. Hau da, gauza bat da norbere gorputzaz erabakitzeko eskubidea eta beste bat behar ekonomikoak eraginda ordezkapen bidezko ernalketa diru iturri berebizikoa izatea. Eskaera dagoelako dago eskaintza, hala diote batzuek. Adibideak oso desberdinak dira, ordea. Indian emakumerik pobreenak ari dira haurdunaldia burutzen, bitartekaritza enpresen eskuetan euren gorputzak utziz. Haien ohiko bizitzan baino askoz hobeto zainduak sentitzen dira kliniketan, 24 orduz haien osasuna zaintzen (kontrolatzen) dute, eta sekula baino hobeto jaten dute bederatzi hilabetez. Urteetan irabaziko ez luketen dirutza jasotzen dute. Pozik dira emakumeok. Alabaina, zergatik erabaki dute subrogazioa egitea? Zorrak kitatzeko, alabaren ikasketak ordaintzeko, etxea erosteko, alaba "ondo ezkontzeko"... Oso bestelako adibidea. Kanadako emakumea. Lagun batentzat izango du haurra, diru irabazirik gabe. Atzean ez dago arrazoi ekonomikorik eta prozesua osasun publikoaren bidez kudeatuko da. Hirugarren adibide bat. Ameriketako Estatu Batuetako emakume bat. Ez du Kanadakoak moduan altruismoz izango haurra, berak milaka dolar kobratuko ditu. Ezin du diru-laguntzak jasotzen dituzten herritarren zerrendan egon, bestela ezingo luke tratuan sartu. Familiako ekonomian aparteko dirua izatea da bere nahia. Hirurek jo dute ordezkapen bidezko ernalketara. Oso adibide desberdinak dira, ordea. Zenbateraino gauzatu da kasu bakoitzean erabakitzeko eskubidea askatasunez? Zenbateraino eragin du emakumearen erabakian behar ekonomikoak? Haurdunaldian Emakumeak subrogazioa egiteko duen eskubideaz hitz egin dugu. Beste kontu bat da, hala egitea erabaki eta gero, haurdunaldian zein eskubide dituen eta noiz arte. Erabakitzeko eskubideaz ari garenean ondoko egoerez ari al gara? Haurdunak erabakiko al du umea erditzea edo zesarea egitea? (Diru trukeko tratuetan zesarea baldintzen artean dago: haurdunak gutxiago sufritu dezan, umea politagoa atera dadin, zailtasunak saihesteko...). Haurdunak izango al du eskubiderik umea jaiotakoan berak hartzeko? (Kanadan eta Europako hainbat herrialdetan badute horretarako aukera). Zer gertatuko da eskatzaileak haur bat eskatu badu eta bi badatoz? Haurra gaixotasunen batekin badator, zein da erantzule? Haurduna nor izan zen jakingo al du umeak ala halako informaziorik ez zaio emango? Nazioarteko adibideak ikusita, oro har, esan daiteke tratua zenbat eta komertzialagoa izan eta zenbat eta bitartekaritza enpresa gehiago izan orduan eta eskubide gutxiago dituela haurdunak. Aldiz, tratu altruistetan eta erakunde publikoen esku-hartze sendoa dagoen tokietan haurdunak haurdunaldian erabakitzeko eskubide gehiago du.   Familia ereduen abanikoa zabaltzen ari da Familiak osatzeko gero eta modu gehiago daude. Ordezkapen bidezko ernalketa ez da eztabaidarako dagoen gai bakarra eta ez da azkena izango. Bere bakardadean aztertu eta arautu beharrean testuinguru osoa berrikustea eskatzen du. Aztertu beharko litzateke nola dagoen arautua adopzioa, nork duen adoptatzeko eskubidea eta gaitasuna, zein eskubide dituen adoptatutako haurrak. Harrera familiak ere badaude. Ospitale publiko eta pribatuetan in vitro ernalketa teknikak egiten dira; obulu eta esperma donazioak egiten dira. Osasun sistematik kanpo emakume batek lagun baten esperma baliatzen badu haurdun gelditzeko, ez dago araututa. Dauden aukerentzat eta etorriko direnentzat lege aterkia beharrezkoa da. Heteroaraua gaindituko ote da? Mapa azpiko adibideak begiratu besterik ez dago. Ordezkapen bidezko ernalketa arautzeko modu asko daude. Estatu batzuetan bikote heterosexualak baino ez dira onartzen; beste batzuetan bikote heterosexualak eta homosexualak; beste batzuetan bateko eta besteko bikoteak, emakume bakarrak, eta gizon bakarrak.  Heteroarauaz hitz egiteko eta berori gainditzeko aukera ematen du eztabaida honek. Ariketa bera egin liteke gainerako familia osaketa aukeretan; nork du adopziorako eskubidea, nork obulu eta esperma donazioez baliatzeko aukera, eta abar. Hemen ezin denez, atzerrira doa jendea Euskal herritarrak Espainiako eta Frantziako estatuetako legeei lotuta daude. Legedi horiek diote debekatuta dagoela haurdunaldi subrogatua. Umetokia behar dutenak kanpora doaz. Hemen arautzearen aldekoek diote, debekuak atzerrira joatera behartzen duela jendea eta hainbat estatutan haurdunaren eta umearen eskubideak ez direla errespetatzen. Hemen diru irabazirik gabeko eta baldintza zorrotzetako sistema ezarriko balitz haurdunak eta umeak babestuko liratekeela diote. Beste kontu bat da Euskal Herriko eskaera guztiari erantzuteko adina emakume legokeen prest umetokia uzteko. Euskal Herrira urtean subrogazio bidez izandako 250 haur iristen dira. 2016an, Espainiako Estatuan (47 milioi biztanle), 800dik gora pertsonak jo zuen atzerrira ordezkapen bidezko ernalketa egitera, eta Kanadan (35 milioi biztanle), era altruistan, urtero beste hainbeste emakumek eskaintzen du bere umetokia. Bestalde, bai Frantziako Estatuak baita Espainiakoak ere, atzerrian jaiotako umeok erregistratzeko trabak ipini ditu atzo arte. Gaur egun, bi estatuek nolabait legeztatu dute eta haurrak erregistratzeko aukera ematen dute. Alderaketak egitea saihestezina da   Ordezkapen bidezko ernalketaz eztabaidatzerakoan etengabe aipatzen da prostituzioa. Bietan emakumearen gorputza erabiltzen da. Prostituzioa legeztatzearen alde dagoenak subrogazio komertzialaren aldeko jarrera izan beharko al luke? Prostitutak bezala umetokia eskainiko dutenak aske al dira haien gorputzak nahieran erabiltzeko? Bata lana bada bestea zergatik ez da izango? Erantzunak baino galderak egin ditugu artikuluan, gaiaren hari muturretako batzuk haizatu nahian, eztabaidarako baliagarri izango direlakoan.
news
argia-c0a1e7a53ca6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/amiantoak-4000-langile-hil-ditu-jadanik.html
Amiantoak 4.000 langile hil ditu jadanik
Juan Mari Arregi
2017-11-05 00:00:00
Amiantoak 4.000 langile hil ditu jadanik Duela urte batzuk pentsatzen zen amiantoarena esajerazioa zela, produktu kantzerigeno horrek hurrengo hamarkadetan milaka lagun hilko zituela esaten zenean. Seguruenik ez dugu inoiz amiantoak hildakoen zifra zehatza jakingo, baina badakigu 1994tik 2008ra Espainiako Estatuan gutxienez 4.000 pertsonak galdu dutela bizia haren ondorioz. Enpresa eta sektore askotan erabili zen amiantoa: laneko gaixotasunak, produktuarekin kontaktua izan eta handik urte askora azaleratzen dira. Azkeneko aldiz 80ko eta 90eko hamarkadetan erabili zen gurean, 2002an debekatu egin baitzen. Horregatik diogu hurrengo urteetan amianto hiltzailearen ondorioek hor segituko duela. Minerala ezkutatuta egon da eta bere biktimen gehiengoak ez du laneko gaixotasunaren aitortzarik izan, ezta indemnizaziorik jaso ere. Kalteturiko hainbat senideren irmotasunak –CCOO eta beste sindikatu batzuek lagunduta– ekarri du auzia Gasteizko legebiltzarreraino iristea Bildu, EAJ eta PSEren eskutik, eta hortik Madrileraino. PP kontra izanda ere, Madrilen onartu da amiantoak kalteturiko pertsonentzako konpentsazio funtsa eskatzen duen proposamena; enpresek, mutuek eta aurrekontuek elikatuko dute. Beharrezkoa da funts horren alderdi sustatzaileak geldi ez geratzea eta Espainiako Gobernuari eskatzea berehala martxan jar dezala funtsa. Asko baitira inolako konpentsaziorik gabe hiltzen diren biktimak eta haien senideak ere ahanzturan geratzen baitira. Gobernuek baimendu zuten 2002ra arte amiantoarekin lan egitea, bada orain haren biktima eta senideek ordain txiki bat izan beharko lukete behinik behin.
news
argia-ce9be69865a9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/pepe-beunza.html
"Tankeak ateratzen badituzte ere prestatuta gaude. Eutsiko diogu"
Estitxu Eizagirre
2017-10-28 00:00:00
"Tankeak ateratzen badituzte ere prestatuta gaude. Eutsiko diogu" En Peu de Pau koordinadorako kide Pepe Beunzak azaldu digu, Katalunia independente deklaratu aurreko orduetan, nola ari diren herritarrak prestatzen etor litekeen errepresio bortitzari indarkeriarik gabe eusteko. Pepe Beunza Espainiako Estatuko lehen kontzientzia politikoko objektorea izan zen eta 3 urteko kartzelaldiarekin ordaindu zuen. 1947an Jaenen sortu eta 9rekin Valentziara bizitzera joana, Bartzelonara jo zuen kartzelatik ateratakoan, objekzio kolektiboa antolatzera, eta bertan bizi da geroztik. Aita nafarra zuen eta aitona, Joaquin Beunza, Iruñean kale baten izena duena. Borrokaren poza helarazi digu FX ANIMATION Barcelona 3D & Film School egoitzan egin diogun elkarrizketan. Bihar irakurri ahalko duzu elkarrizketaren bigarren zatia, indarkeriarik gabeko borrokaren gakoez, eraikitzeko duen gaitasunaz, Kataluniako independentzia bideaz... En Peu de Pau independentziaren zein unetan sortu da eta zertarako? En Peu de Pau erakundeen gune bat da, independentziarako borroka indarkeriarik gabea izango dela bermatzeko. Hori erakunde denen eskaera eta konpromisoa da baina ez bada lantzen eta sakontzen, oso zaila da indarkeriarik ezari eusten. Saihestu nahi ditugu probokazioak, jende etsitua, indarkeriaren tentazioa sentituko duen jendea egotea... zergatik? hanka-sartzea litzatekeelako, oso aurkari indartsua dugulako aurrean: hedabide asko ditu, badu polizia, badu ejertzitoa, baditu bonba atomikoak (Espainiako ejertzitoa NATOn dago)... horrelako aurkariari indarkeriarekin aurre egitea suizidioa da. Printzipioez gain, eraginkortasun kontua ere bada. En Peu de Paun koordinatzen gara jendea kanpaina guztietan animatzeko, entrenatzeko, sustatzeko, indarkeriarik gabeko ekintzara. Guk ez ditugu kanpainak diseinatzen, ez borrokak koordinatzen: guk indarkeriarik eza sustatzen dugu independentziaren aldeko borroka guztietan. Herritarrak errepresiorako prestatzen ari zarete? Espainiako estatuaren errepresioa zein neurriraino iritsiko dela uste duzue? Lehenik salatu behar da Jordien kartzelaratzea. Injustua da, jende bakezalea zen, hain justu mugimendua indarkeriarik gabe izan bada, asko izan da euren mezuei esker eta sedizioa salaketarekin atxilo egotea! Nik nire burua haiek bezain sedizio-zaletzat daukat eta beraz kartzelan behar nuke, haiek bezala. Bi Jordien askatasuna eskatzen dugu. Tankeak ateratzen badituzte prest gaude bandera zuriekin aurrean jartzeko eta gerra krimenak egitera behartzeko Ez dut uste Espainiako estatuak tankeak aterako dituenik. Hanka-sartzea litzateke. Baina tankeak ateratzen badituzte prest gaude bandera zuriekin atera eta tankeen aurrean jartzeko. Eta ateratzen badira, gerra krimenak egitera behartzeko. Txarrenerako prestatzen ari gara, zer egin dezakegu ba? Orain arte ez, baina uste dut momenturen batean zentzuak aginduko diela baina frankismoa oso gogorra da, oso krudela zen. Frankismoak lurra erretzen zuen. Eta arrisku hori dugu. Eutsiko diogu. Errepresioari aurre egiteko prestatzeko bost dekalogo atera dituzue eta seigarrena lantzen ari omen zara, kartzelaz. Bi Jordien seme-alabek oso harro egon behar dute, beren gurasoak kartzelan daudelako eta nazioarteko giza eskubideen ohorezko kide izatera pasa direlako. Eskuburdinak jartzea, ohorezko domina bereizgarria jartzearen baliokidea da. Ohorea da kartzelan egotea, ni oso harro nago preso egon izana. Kartzela gogorra da, han ez da ongi egoten. Baina eusten zaio. Beldurra galdu behar zaio, pertsona arruntak kartzelari eutsi ahal dio, beti ere, kondena urteen arabera, eta kartzelan urte asko egon ostean are indartuago atera zaitezke. Guk ez dugu uste kartzelan luze egon beharko dugunik, hilabetetan soilik egon beharko dugula espero dugu. Eta jendeak jakin behar du kartzelari hilabeteetan ongi eutsi ahal zaiola eta indartuago eta konbentzituago ateratzen zarela. Niri horrela gertatu zitzaidan. Baina kondenak urte luzekoak dira... Jordiek urtetan egon behar badute kartzelan, hobe egongo da kartzelan kalean baino! Hori gertatzen bada, kartzelak okupatzeko unea izango da. Beldurra kendu behar zaio kartzelari Hori gure esku egongo da! Jordiek urtetan egon behar badute kartzelan, hobe egongo da kartzelan kalean baino! Hori gertatzen bada, kartzelak okupatzeko unea izango da. Beldurra kendu behar zaio kartzelari. Luther Kingek kartzelak pobreen unibertsitate bihurtu zituen. Gandhirekin 60.000 indiar egon ziren kartzelan. Zenbat preso eusteko gai izango da PPren Gobernua, lotsaz erori gabe, Europa lotsaz erori gabe? Espero dugu mutur horretaraino ez iristea, baina prest egon beharra dago. Borrokatzen ez baduzu hilda zaude; eta hemen bizirik gaude. 155. artikulua aplikatzen duenean Espainiako Gobernuak, desobedientzia zibila izango da estatuaren esku-hartzeari eusteko gakoa? Jendea prestatzen ari da erresistentzia pasiboa egiteko, boikot leunerako, eta Kataluniako Gobernuak esaten duenaren araberakoa ere izango da, gu herri antolatua baikara, ez gara kalean topo egin dugun lau katu. Ideala ekintza bateratua litzateke. Ikusiko dugu antolatzen dutenek zer dioten, guk ez dugu antolatzen, guk indarkeriarik gabeko borrokarako erremintak ematen ditugu. Erakundeak eta Goberna dira zuzentzen dutenak. Euskal Herrian independentzia borrokarako ahulaldian gaude. Kataluniari begiratzen diogu inbidia erosoz, ikusten dugulako emaitza jasotzetik oso oso gertu zaudetela, baina nagi handiz "ene, ederra datorkie...". Katalunian jendeak zergatik jarraitzen du aurrera? Euskal Herriak jasandako errepresioa oso gogorra izan zen eta orain atsedenaldian dago. Nekatuta gaudenean horrek on egiten du, eta hausnartzeko baliatzea komeni da Seguruenera, ez dugulako Euskal Herriak bezalako errepresio gogorrik jasan. Eta horrek lasaiago eusten gaitu. Euskal Herrikoa oso gogorra izan da, sufrimenduaren sozializazioa terriblea izan zen, eta errepresioa ere terriblea izan zen. Eusko Jaurlaritzak 5.000 tortura kasu zenbatu ditu! Horrek denak ondoren latza uzten du. Atsedenaldian dago Euskal Herria, eta nekatuta gaudenean horrek on egiten du, eta hausnartzeko baliatzea komeni da. Kataluniako jendea kontziente da Espainiaren errepresio neurriaz? Ez, ez duelako bizi izan. Jende gehienak ez du frankismoa bizi izan baina hori azkar ikasten da. PPren basakeria ezagututa, nik uste jendeak ongi erantzungo duela. Bazen uste zuenik ez genuela prezio handiegirik ordaindu beharko, baina dagoeneko bi lagun daude kartzelan. Orain ezin ditugu kartzelan usteltzen utzi, bi horiek aurrean zihoazen gu atzetik gindoazelako. Hori pixkanaka baina ikasi egiten da. Askatasuna lortzen duten herriek bere duintasuna lortzen dute. Garrantzitsuena da jakitea zure duintasunak zer balio duen. Eta hortik aurrera, ekin Askatasuna lortzen duten herriek bere duintasuna lortzen dute. Garrantzitsuena da jakitea zure duintasunak zer balio duen. Eta hortik aurrera, ekin. Lehen egunean ez diozu piztiari aurre egingo, baina pixkanaka ikusten duzu duintasuna jaten ari zaizkizula eta iristen da une bat etxean dagoen robota izango zarena, obeditzekoa. Eta ez gara obeditzeko jaio, jaio gara gure kontzientzia obeditzeko. Hori ere pixkanaka ikasten den zerbait da. Duintasuna zer da? Zure kontzientziari obeditzera zaramatzan zentzua, ez autoritateari edo legeei. Kontzientzia, guztiok barruan dugun justizia zentzua da. Kristauentzat Jainkoaren ahotsa da, pentsa. Pertsonak gara, burua dugu, beraz, obedientzia itsukoak ezik, gainerako denek dugu kontzientzia. Kontzientzia horrek behartzen zaitu bera obeditzera, pertsona izaten jarraitu nahi baduzu. Justiziaren zentzua unibertsala da. Eta askatasunaren bulkadarekin jaio gara. Eta deskubritzen duzunean askatasunaren borrokak duen bulkadaren indarra, hori ez duzu sekula ahanzten.
news
argia-90e1927f7d1c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/mingaina-gorputzaren-mapa.html
Mingaina, gorputzaren mapa
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2017-11-05 00:00:00
Mingaina, gorputzaren mapa Pazientearen ahoa zabal-zabalik, mingaina kanpoan eta medikua barrura begira. Nork ez du irudi hori buruan gordeta? Ezkutuan dagoen gorputz atal honek hamaika gauza kontatzen ditu gure osasunari buruz. Medikuntza txinatarrean oso garatua dago mingainaren diagnostikoa. Ezin da ulertu baina, elementu isolatu bat bezala. "Diagnostikoa egiteko informazioa ematen digu mingainak, baina informazio guztia lortzeko gauza gehiago aztertu behar da", azaldu digu Egoitz Garro makrobiotiko eta landareak baliatuz sendagaiak sortzen dituen espagiristak. Besteak beste, aurpegia, belarria, irisa, pultsua, abdominalak eta egoera emozionala lantzen dituzte mingainarekin batera, arlo fisikoa, psikikoa, energetikoa eta espirituala aztertuz. "Pertsona bere osotasunean ulertzen saiatzen gara, dena uztartzen baita batean". Berez, medikuntza tradizional guztietan dago mihiaren diagnosia, baina egia da hainbatek buruan dugun irudi hori, sarreran aipatu duguna, jada ez dela ohikoa, edo oso gutxi. "Galeno Pergamokoaren medikuntza alde batera utzi zenean eta gaur ezagutzen dugun medikuntza garatu zenean alde batera utzi zen. Lehen mediku guztiek beharrezkoa zuten mingainak eta begiak begiratzea. Eta orain, ukitzen bazaituzte, gaitzerdi", azaldu du Garrok. "Sistemak paradigma aldaketa eman du. Medikuntza izugarri arrazionalizatu da eta erabat alboratu da alde gizatiarra, bezeroarekiko kontaktu fisiko eta psikikoa. Dena makinariaren menpe utzi da; X izpiak, erresonantziak, ekografiak eta analitikak kenduz gero medikuak ez daki diagnostikoa egiten, esperientzia handia ez badu behintzat". Medikuntza txinatarra paradigma oso bestelakoa da eta ezagutzearen garrantzia azpimarratu duela dio. Ideologia gisa, gorputzaren mapa mingainean idatzita dagoela kontatu digu adituak, mingainak gorputz osoa islatzen duela. Atal bakoitza organo bati dagokio. Areaz area aritu, faktore bakoitza irakurri eta ondorioak ateratzen dira: "Pertsona batek urdail aldean kaparik ez badu, adibidez, mukosa gaizki dagoela esan nahiko du normalean, sistema digestibo horretan zerbait ez dagoela zuzen. Gastritis bati begira jarriko ginateke". Mingainaren diagnostikoa hiru ezaugarriren arabera egiten da: kolorea, kapa eta forma. Koloreak gorputza nahikoa hidrataturik edo lehorra dagoen kontatzen du. Baita zirkulazioa ona eta odola aberatsa den, alegia, anemiarako joera ote dagoen. Arlo fisikoaz gain, psikikoa ere antzematen duela gaineratu du: "Mingainaren punta bihotzari dagokio, fisikoki zein emozionalki. Estres emozionala dagoenean gorritu egiten da". Mina daukagunean, gainera, mihia lekuz alda daitekeela azaldu du, dardara egin eta alde batera joateko tendentzia izan dezakeela. Bestalde, kapak hezetasunari, hotzari eta beroari buruz informatzen du. Baita mukia dagoen edota gehiegizko koipea.  Mingainaren itxuraz gain, mugimenduak ere gauza asko konta ditzake: "Pertsona batek energiarik ez duenean apenas aterako du mingaina ateratzeko eskatzen zaionean, indar gutxirekin egingo du. Mihiaren forma zapala izaten da halakoetan". Ispiluaren aurrean mingaina atera diezaiokegu geure buruari, beraz, eta kolorea, forma eta kaparen arabera analizatzen ikasi. Adituak adibide batzuk eman dizkigu: "Udazkenean oso ohikoa da hotzeria edo katarroa harrapatzea. Mingaina, beraz, geruza zuriz ikusiko dugu. Egoera emozional intentsua igarotzen ari bazara, mingainaren punta gorritu egingo da. Digestio txarra eta ahoa lehorra duenak mingaina zatituta izango du, kaparik gabe eta gorri-gorria. Horrek gorputzean likido falta dagoela esan nahi du. Linfa, ur edo odol falta islatu dezake". Mingainak informazio asko ematen badu ere, beste elementu bat dela azpimarratu du Garrok, pertsona osotasunean landu behar dela: "Nik, adibidez, taupadei ematen diet garrantzia handia, diagnostikoa zehatzagoa eta fidagarriagoa baita".
news
argia-5aea4fc1f112
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/iv-mendeko-nanoteknologia.html
IV. mendeko nanoteknologia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-05 00:00:00
IV. mendeko nanoteknologia Alexandria edo Erroma, 290-325 urte inguruan. Likurgoren kopa izeneko beirazko eta metalezko pieza berezia egin zuten, ziur aski Erromatar Inperioaren toki batean baino gehiagotan. Adituen ustez, kopa egiteko prozesuan hiru lantegik hartu zuten parte, eta beirazko blokea aurrez prestatuko zuten Palestinan edo Egipton. Beiran zizelkatuta, Likurgo traziarren erregea ageri da mahatsondoz inguratua, eta Bako jainkoak eta haren bi jarraitzailek erregeari barre egiten diote; Bako gurtzeko ospakizunetan erabiltzeko sortu omen zuten. Kaiola-kopa edo diatretum berezia da Likurgorena, osorik iritsi zaigun mota eta garai horretako bakarra. Baina berezitasun nagusia da beira dikroikoz eginda dagoela. Material bitxiari esker, argia aurrez aurre duenean, kopa berdexka eta opakoa da, baina atzetik argiztatuz gero, gorri-gorri ikusten da eta transluzidoa da, azaleko erresonantzia plasmonikoa izeneko efektuaren eraginez. 1990etik aurrera eta soilik transmisiozko mikroskopio elektronikoei esker ikusi ahal izan zuten ikerlariek zergatik egiten duen kopak efektu hori: beirak urrezko eta zilarrezko nanopartikulak ditu, 50 nanometro ingurukoak, hau da, gatz aleak baino mila aldiz txikiagoak. Eta partikula horiek koloide moduan sakabanatuta daude. Alegia, kopa egin zuten artista/zientzialariek nanoteknologia erabili zuten, nanoteknologia zer den jakin gabe ere. Egun, horrelako beira dikroikoa egiteak prozesu neurtu eta arduratsua eskatzen du. Baina IV. mendean zenbateraino kontrolatzen eta ulertzen zuten prozesu hori? Zenbaiten ustez, halabeharrez lortu zuten efektua, urre eta zilar hautsak beira ezustean kutsatu zenean. Eta litekeena da egileek ez jakitea beirak, zilarraz gain, urrea zeukala, zilar erromatarrak urre zati txikiak izaten baitzituen maiz. Baina, Likurgoren kopa beira dikroikozko pieza erromatar oso bakarra izanagatik, garai bereko horrelako beira zati gehiago ere aurkitu dira, koloreen aldea hain nabarmena eta ikusgarria ez bada ere. Ondorioz, prozesua neurri batean kontrolatzen zutela pentsatu behar da, eta behin eta berriro errepikatzeko gai zirela. Ez zekitena da hamazazpi mende geroago kopa inspirazio iturri izango zela nanoplasmoien ikerketan eta teknologia horrek, besteak beste, haurduntza probak egitea, gaixotasunak diagnostikatzea eta arrisku biologikoak identifikatzea ahalbidetuko zuela.
news
argia-cf43f41177ac
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/pelax.html
Talka, didaktika eta komunitatea
Xalba Ramirez
2017-11-05 00:00:00
Talka, didaktika eta komunitatea Donostiako eszenan interesa duenak ezagutzen du Unai Pelayo, Pelax. Bakarlari bezala lan bat atera ostean 2015ean Cowboys Orchestrarekin lehen diskoa argitaratu zuen. Ordutik hamaika proiektu eta formatu ondu ditu, udan Telmo Trenor DJarekin lau kantaz osatutako EPa atera du, besteak beste. Joan den urriaren 15ean Talkak eragiten du didaktika (Balio Dute) lana aurkeztu du Le Bukowskin (Donostia). Andoni Olaetxea (Goragaleak, Zozo), Iker Vazquez (Blaka, Liher) eta Iñigo Ozaetarekin (Blaka, Nerabe) batera elkarrizketa interesgarria izan dugu, egia esateko moduei buruz Egian. Disko aurkezpena igande batean antolatu izanak beldurra eragiten zien, baina Le Bukowskin jotzea etxean jotzea zen, eta leporaino bete zen hilabeteetako lana entzun nahi zuten zaleekin. Kontzertu indartsuak ematera ohituta daude Pelaxekoak, eta hau ez zen gutxiagorako izan. Estanpa -rekin eta Sua dela badio kantekin eman zioten hasiera; indarra eta letra sakonekin, Pelaxen esentziarekin, alegia. Arerio izan zen hirugarren kanta eta areto osoa jarri zuen dantzan. Erritmo apurtuetan eta sampleetan oinarritua dirudien bateria zehatz eta zoroa, zuzenekoetarako ezinbestekoa bihurtuko den kanta dudarik gabe. Lau musikariak lokatzetan ibilitakoak dira. Azken bi urteetan bakoitzak bere proiektuekin ehundik gora zuzeneko eskaini ditu eta esperientzia hori islatzen jakin dute lan berrian. Andoni Olaetxearen ustez, lehen bi diskoen artean dagoen aldea nabaria da: "Lehen Unairen bakarlari proiektua zen eta guk banda gehitzen genion. Orain Cowboysak desagertu dira eta talde bilakatu gara; oinarriak bera izaten jarraitzen duen arren, noski". Iñigo Ozaeta: "Garai batean Euskal Herrian mezu zuzen eta esplizituak izan dira nagusi, eta orain arte egon da joera bat beste mota bateko mezuak garatzen saiatzeko. Baina ostia txarra ezin da makilatu" Talka askoz ilunagoa da Cowboys baino. Rock'n'Rolletik eta blues klasikotik aldendu egiten da momentu askotan, eremu berriagoetara iritsiz baina oinarria galdu gabe. Denak ados daude Olaetxearen gitarrak eman diola disko osoari xarma berezi hori. Talde osoaren heldutasuna nabarmena da, hala ere. Vazquezek eta Ozaetak osatzen duten bikotea beste nonbait ikustea zaila da. Lehenak indarrez markatzen ditu kolpe guztiak, bigarrenak, larrua jotzen dio baxuari zuzenekoetan.  Iñaki Rifaterrak egindako diseinua barne, Talkak osatzen du didaktika osotasun bat da. "Titulua ekarri zenuenean ez zitzaidan batere gustatu –aitortu du Vazquezek– baina esaldiari bueltak eman ostean, izugarria iruditzen zait. Asko ikasi dut prozesu honetan izan ditugun kolpe guztiekin, eta esaldi honi esker hobeto ulertzen dut garai hau". Talka kanta bera, taldekideei idatzi zien Pelayok, "pasa ditugun momentu zail guztiengatik". Hala ere, Cowboysekin antzekotasunak baditu disko honek. Habitus eta Lotailu , adibidez, diskoaren arrazoien sintesiak dira; Dena delitua-ren erritmo pisutsua aurreko diskoko Zeuok -ekin pareka daiteke eta Traba -ren riff dantzagarria lehengo laneko Turbio -rekin. Sua dela badio eta Balio dute -k himno izaera bera dutela esan daiteke. Intro eta outro bera dute bi diskoek ere, biei lotura emanez. "Gure influentzia handiena gara", diote barre artean. Argazkia: Eider Iturriaga. Letrei dagokienez Pelayo bluesman bat da, dudarik ez dago. "Blues-ak zaurien beharrak ditu, eta soberan ditut" dio lehen diskoko kanta batek eta bigarren diskoan zauriak eta haserreak leku guztietatik ageri dira. Ozaetak ere argi ikusten du, "garai batean Euskal Herrian mezu zuzen eta esplizituak izan dira nagusi, eta orain arte egon da joera bat beste mota bateko mezuak garatzen saiatzeko. Baina ostia txarra ezin da makilatu, eta orain berriro ari gara itzultzen amorrutik abestera, barruan zein kanpoan gertatzen diren gauza txarrei abestera". "Eszenatokira igotzea festa bat da guretzat. Nik beti jotzen dut irribarrez", aitortu du Vazquezek. Bukowskiko eszenatoki gainean ikusi zen Cowboysen ere bazuten izaera anarkikoa. Eneko Sierra eta Jon Agiriano nahi zutenean igotzen ziren saxo eta gitarrarekin laguntzera. "Cowboysek horrela zen: bi bateria jotzaile, hiru gitarra, saxofoia... bakoitzak nahi zuena egiten zuen. Orain esan daiteke pixka bat lasaitu eta kantekin fidelagoak izan nahi dugula". Talde-komunitate filosofia horri jarraituz, diskoan aritu dira ere Beñat Antxustegi, Joseba B. Lenoir, Olatz Salvador, Lander Ganzo eta Xabier Viscay lagunak euren alea jartzen. Unai Pelayo: "Ez dugu famatuak izan nahi, baina ezta ahanzturan erori nahi ere" Lanari bi helburu soilik jarri dizkiote, "egia esatea eta zuzenekoetan defendatzea: hori da Rock'n'Rolla" dio Pelayok. "Ez dugu famatuak izan nahi, baina ezta ahanzturan erori ere. Izan ere, errekonozimendua lortzea zaila da Euskal Herrian, ez baduzu interes jakin batzuen arabera jokatzen, behintzat. Baina gauzak aldatzen ari dira. Beste filosofia batekin hasi da geroz eta jende gehiago programatzen. Hala ere, ez da sinplea, ezin delako eszena bakar bezala ikusi Euskal Herria. Ez da berdina Gipuzkoako underground -a, Arabakoa edo Ipar Euskal Herrikoa". Himnoak sortzen dituen musikaria da Pelayo. Izan ere, musika bi gauza dira: sentimendua eta komunitatea, eta kantek zentzua hartzen dute biak batera agertzen direnean –teknika bien arteko zubia baino ez da–. Bukowskira joandako ikusleek zaletasuna baino zerbait gehiago konpartitzen dute; bizitzeko modu bat, auzoa eta hiria ulertzeko manera bat. Pelaxek horri abesten dio, eta hortik. Eta hor elkartu gaitu eta elkartuko gaitu, beste behin. "Abestiek balio dute, gauzak ez diren bezala kontatzeko". Talkak egiten du didaktika by PELAX
news
argia-24a2a21ab021
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/lurrama.html
Baserriko nekazaritza iraunkorraren topagunea Miarritzen
Garazi Zabaleta
2017-11-05 00:00:00
Baserriko nekazaritza iraunkorraren topagunea Miarritzen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen proiektua da Lurrama, baserriko laborantza iraunkorraren alde urtero antolatzen den festa. 12. edizioa izanen da aurtengoa, eta azaroaren 10etik 12ra bitartean ospatuko dute Miarritzen (Lapurdi), Iratiko erakustazokan. Asteburu osorako egitaraua prest dute beste behin antolatzaileek, nekazarien, herritarren nahiz agente politikoen inplikazioa eta parte hartzea bultzatzeko helburuarekin. Herri nekazaritzaren alde, jaigiroan Nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egina dute Lurraman parte hartzen duten ekoizleek, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen filosofiarekin bat eginik: tokiko garapena bultzatzea, ekoizteko eta saltzeko sare kolektiboak erabiltzea, produkzio baldintzak eta moduak argi azaltzea, ekoizpenerako sasoiak eta natura errespetatuz lan egitea, tratamendu gutxi erabiliz eta produkzioen aniztasuna bultzatuz. Horiek dira, besteren artean, Lurraman parte hartzen duten nekazarien konpromisoak. Ipar Euskal Herriko 50 ekoizle inguruk hartzen dute parte Lurramako azokan. Ezinezkoa izango litzateke ekimena aurrera ateratzea, ordea, bolondres lanean diharduten 600 laguntzaile ingururen inplikaziorik gabe. Herritarren eta laborarien elkarlanaren emaitza da Lurrama. Azoka baino zerbait gehiago Euskal Herrian ezezik, Frantziako Estatuan ere erreferentzialtasuna irabazi du Lurramak azken urteetan, eta 2010eko edizioaz geroztik lurralde edo eskualde gonbidatu bat izaten dute. Aurtengoan, Provence-Alpes-Côte d'Azureko Confédération Paysanne sindikatuko laborariak izanen dira Miarritzen, beraien abere eta produktuekin. Bestelako hamaika ekitaldi ere izanen dira festibalean: etxaldeetako abereen eta lanen erakusketak, hitzaldiak, haurrentzako ekimenak, lehiaketak, produktu dastaketak, mahai inguruak, film proiekzioak, kontzertuak… Lurramako eskaintzen artean, aipatzekoa da azken urteetan bertako sukaldeak hartu duen fama: kalitatezko, sasoiko eta tokiko ekoizpenekin prestatutako 3.000 otordu zerbitzatuko dituzte festibalean. Zer ikusia, ikasia eta entzunaz gain, zer dastatua ere izanen da Miarritzen goizetik hasi eta gauera arte.
news
argia-a8121790cd46
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/itziar-navarro.html
"Bertsolariak lortzen badu hitzen arabera doinua moldatzea, sorpresa bikoitza lortzen du"
Estitxu Eizagirre
2017-11-05 00:00:00
"Bertsolariak lortzen badu hitzen arabera doinua moldatzea, sorpresa bikoitza lortzen du" Gogoratzen grabazio zaharretako bertsolarien kantaera berezi hura? Zerk eragin du hainbeste aldatzea bi belaunalditan? Itziar Navarrok eman ditu hainbat erantzun, Oiartzungo bertsolarien kantaera XX. mendearen erditik hona ikerlanean. Mintzola Fundazioaren iazko Laboa beka eskuratu zuen lan honek batu ditu bere bi zaletasunak: Kortxoenea Gaztetxean ekin zion taldean astero bertsotan egiteari. Bolada batean Egiako eta Añorgako bertso eskoletara joan izan zen "intermitente". Bertso asko idazten du. Bitartean, Musikenen egin zituen gitarra ikasketak eta Musikologia Kultural masterra Göttingenen (Alemania) egin ostean, zazpi hilabete eman zituen Grezian TEI Epirus-eko Musika Tradizionaleko departamentuan. Kantaera honela definitzen du Itziar Navarrok: "Kantatzean hotsak eta denbora kudeatzeko modua, bat-batean doinua moldatzeko era". Kantaerak bertsotan funtzio oso garrantzitsua du: "Hitzei adierazkortasun handiagoa ematea". Horregatik, Navarrok proposatzen duena ez da bertsolariak kantari baten moduan trebatzea, baizik, "kantaeraren baliabideez kontziente izanik gehiago baliatu ahal izatea, kantakera lautik urrunduz". Zortzi parametro seinalatu ditu ikerlanean, kantaera ezaugarritzen dutenak: erritmoa, tempoa, dinamikak, artikulazioa, apaindurak, intonazioa, tinbrea eta azentuazioa. Bere lanean aztertu du kantaera osatzen duten zortzi alderdi hauek nola baliatzen dituen garai bakoitzeko Oiartzungo sei bertsolari hauetako bakoitzak (44. orrian dituzue bertsolari horiek). Eta bilakaera nabarmena dela azaldu digu: zaharrenek apaindura asko erabiltzen zituzten, bibratoa ere bai eta ahotsa gaur egun hain ohituak ez gauden tinbreekin proiektatzen zuten. Mikrofonoa erabiltzeak ekarri du baliabide horietako askok zentzua galtzea, baina badira bizimoduan aldaketa gehiago ere kantaera aldatzea ekarri dutenak. Hala ere, bertsolarien artean kantaera aniztasun handia dagoela azpimarratu du: "Unai Agirreri entzuten dizkiot apaindura batzuk, Jexux Mari Irazuri ere... hori gustu kontua da. Zer entzun duten, zer gustatzen zaien eta zer erabiltzen duten oraindik. Bibratoa Maialen Arzallusek eta Aimar Karrikak darabilte, adibidez.". Elizako organora egokitutako belarriak "Ipar Euskal Herrian intonazio ez tenperatua erabiltzen da oraindik ere, baina Hegoaldean belarria ia erabat egin zaigu tenperatura" Badira intonatzeko moduak, pianoaren tekletatik kanpo. "Intonazio tenperatua" deitzen zaio pianoko tekletan ezagutzen dugun horri: "Mendebaldeko sistema europarraren barruan tonu erdiak eta tonuak daude. Baina hori eraikitakoa da, hartu zuten zortziduna eta banatu zuten bitarte berdinetan, horrela eginda transportagarria zelako musika: jo dezakegu do-n, gero re-n... jo genezakeen piano berarekin tonu guztietan. Horrek bere prezioa du: ahotsarekin egiten dituzunean tarteko hotsak, talka egiten du tenperazioarekin". Bach-ez geroztik joan zen zabaltzen intonazio tenperatua: "Inposatzen ere bai; elizak funtzio tenperatzailea izan du nahita edo nahi gabe, organoarekin ari bazara astero... A capella kantatuta eta herri musikarekin eutsi ahal zaio intonazio ez tenperatuari. Ondoren, irratiak ekarri digu masiboki tenperazioa". Globalizazioak kanal batzuen bidez funtzionatzen duela oroitarazi digu Navarrok: "Ez zaigu etorri Senegalgo kantaera, ez Indonesiakoa. Etorri zaizkigu AEB, Frantzia...". Ipar Euskal Herrian intonazio ez tenperatua erabiltzen da oraindik ere, baina Hegoaldean belarria ia erabat egin zaigu tenperatura: "Orain erdibideko hotsen bat egiten baduzu, agian dagoeneko desafinazioa da, ez da sistema hori belarrian duzunik eta erreproduzitu egiten duzunik; nork entzun ditu intonatzeko bitarte horiek modu intentsiboan? Agian doinuren bat, Xalbadorren grabazioren batetik ikasi baduzu, tokeren bat geratuko zitzaizun. Baina orokorrean hots horiek ez ditugu entzuten ez barneratzen". Nolako bizimodua, halako kantaera "Elizan kantatzen ikasi zuten belaunaldi askok, asteroko gune hori galdu zen, eta etxean ere ez da hainbeste kantatzen. Garai batean lan-bileretan ere kantatzen zuten". Jendarte aldaketak musika ulertzeko modua bera aldatu duela kontatu digu Navarrok: "Lehen musika egiten zenuen zerbait zen, eta ez jartzen zenuen zerbait. Eta kantua lantzen da kantatuz, ez entzunez. Zenbat doinu dakizkizun ez da zenbat doinu entzun dituzun eta gutxi gora behera tarareatu ditzakezun edo ezagunak zaizkizun. Doinua kantatzeko gai zarela esan nahi du doinua jakiteak. Esperientziatik dator ezagutza". Egun kantatzeko beste gune batzuk ditugu: musika eskola, korua, bertso eskola... "Horietara bazoaz eta pila bat kantatzen baduzu, landuko duzu. Baina orokorrean kantuaren atzerakada eman da, Joanito Dorronsorok ere dioen moduan. Zenbat eta gehiago aritu orduan eta gehiago ezagutzen duzu zure ahotsa, baliabide gehiago garatzen dituzu". Ikusi dugu mediazioak (irratiek, CDek...) nola eragin zuten gure belarriak intonazio tenperatura heztea. Baina hori baino gauza gehiago ere eragin zituen: "Mediazioak, batez ere irratiak, ekarri digu lehenago entzuten ez genituen soinu pila ekartzea, soinu horiek grabatuta entzutea, eta ez dakit kontziente garen grabatutako soinuak tratatuta daudela: artifizialki erregulartasun batera bultzatutako erritmoan grabatzen dira kantak, ahotsak hainbat filtrotatik pasatzen dituzte, tratatuak dira desafinatu ez dezaten... beraz, grabazioak entzundakoan, imitatzen ari zara, nahi gabe, erreala ez den zerbait. Mediazioaren alde larriena da ez garela kontziente tartean dagoela".  "Lehen plazan entzuten zuten doinu bat, eta norbera saiatzen zen etxean-edo doinu hura erreproduzitzen, eta noski, bariazio handiak egiten ziren. Orain grabaziotik ikasita, doinu bakoitza era batera da eta gutxiago bariatzen da" Kontatu digu doinuak ikasteko prozesuak eragin handia duela emaitzan kontatu digu: "Lehen plazan entzuten zuten doinu bat, eta norbera saiatzen zen etxean-edo doinu hura erreproduzitzen, eta noski, bariazio handiak egiten ziren. Orain grabaziotik ikasita, doinu bakoitza era batera da eta gutxiago bariatzen da. Agian segurtasun kontua ere bada, bertsotan inprobisatu behar duenak sentitu dezake 'behintzat doinuari eusten badiot...'. Doinuarekin bat-batean jolasteko abilidadea behar da. Lexotik, adibidez, beti kantatzen du doinu beretan, baina doinu gutxi horiek nola menperatzen dituen! Ez du inoiz gaizki kantatuko doinu horietan eta bariatzen du izugarri, denborarekin jolasten du". Doinu berriak edo doinu zaharrak beti berri? Galdera pausatu du Navarrok: "Agian fokua jarri da doinu berriak ateratzeko ahaleginean, eta txapelketaro doinu berri bat ateratzeko joera badago. Gakoa izan daiteke doinu batzuetan zentratzea, bertsolariak ikus dezan ea noraino iristeko gai den doinu horietan. Baina ez dakit entzuleek "Txapelketaro doinu berri bat ateratzeko joera badago. Gakoa izan daiteke doinu batzuetan zentratzea, bertsolariak ikus dezan ea noraino iristeko gai den doinu horietan" preziatuko duten ahalegin hori, gaur egun doinu eskakizuna oso altua baita. Maiz aldatu ezean, aspertzen gara doinu bera entzunaz". Aditu batzuen hitzetan, kantari batek doinuari bizia emateko eta ahozkotasunaren ezaugarriak txertatzeko,  urtetan kantatu behar du: "Bertsolariak doinu bat hartzen badu eta hiru urtera nazkatu bada doinuarekin, edo modaz pasa bada, ez dakit zenbateraino ondu ahal izan duen. Adibidez, hitz zehatz batzuk esateko lortzen badu doinuaren aldaera batekin indarra ematea, irabazi egiten du: bi sorpresak batera doazelako, hitzezkoa eta doinuaren aldaera". Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" jarri du adibidetzat, berak aztertutakoen artean, eta egungoa izanik, hori egiteko gaitasuna duelako. Hitzen musika eta doinua batera doazenean "Hizkuntzalariekin prosodia ikerketa egin beharko genuke" bota du Navarrok: "Alegia, hitz jarioaren musikaltasuna aztertu beharko genuke. Nahiz eta euskarak ez omen duen azenturik, euskarak azentu malgua badu, mugikorra, mintza katearen "Agian, belarrira oso ongi ematen diguten bertsoek lortzen dute doinua eta esaldien azentuak parean etortzea" barruan esaten dugunaren arabera, azentuatzen dugu gauza bat edo bestea. Iruditzen zait doinu zehatz batean, hitzen ordena era batera hobe geratzen dela beste ordena batean baino, azentuei lotuta. Agian, belarrira oso ongi ematen diguten bertsoek lortzen dute doinua eta esaldien azentuak parean etortzea. Gaitasun hori bertsolariek bere egitea lortzen badute, senez edo egitera iristen badira, izugarria da".  Horretarako ere, beharbada, doinu gutxi eta maiz errepikatzea komeni: "Doinu bat oso landua duzunean, agian hobeto ezkontzen dituzu hitzak. Eta doinua berria denean, bertsolaria ari da silabaz silaba metrika zaintzen, eta agian ez zaio aterako hitzen hautaketa soinu aldetik hain egoki egitea". Bertso kantaera lantzeko eskolarik onena "Ez dut sinisten kantu eskolara joatea denik irtenbidea. Esperimentazioa da bidea" Navarrori galdetu diogu bertsolariek nola landu dezaketen kantu gaitasuna:"Ez dut sinisten kantu eskolara joatea denik irtenbidea. Esperimentazioa da bidea, bertso eskolan beste gauzak lantzen diren bezala, kantaera ere mahai gainean jartzea; eta bertsolariek lan asko egiten dute etxean, bada horretaz ere hausnartzea: etxean nola lantzen dut bertsoa? Kantatzen dut, edo idatziz? Nire aholkua da kantatzea, kantatu ahal den guztia, eta kantatu denetik". Entzuleengan dago soinua Kantaera mundu oso bat bada, entzuten duguna da beste hainbesteko mundua: "Irratitik, telebistatik edo zuzenean bertso saioan entzun, oso ezberdina da. Ahotsa komunikabideetatik barrena pasatzerakoan, bere ertz guztiak ez ditugu entzuten, ahotsaren presentzia osoa ez dugu entzuten. Zuzenekoak beti ematen du informazio gehiago. Eta bertso saioan bertan ere, mikrofonoarekin jasotzen dugun ahotsa dagoeneko aldatuta dator. Eta non zauden eserita, horren arabera ere zure pertzepzioa aldatu egiten da... Norberaren pertzepzioa beti aldagai askoren menpe dago eta oso pertsonala da, hasieratik entzumena selektiboa da. Horregatik, entzuleek kantaera bakoitza nola pertzibitzen duten, zein gustatzen zaien eta zergatik, hori ere ikertzea ederra litzateke". Jakin-minez pizten zaizkio Navarrori begiak, bertsoa eta soinuaren arteko loturez ari dela: "Aztertuko nuke saio mota bakoitzean nola kantatzen den, ez baita berdin kantatzen jaialdi batean edo txapelketan. Elkarrizketatu nahi ditut lehenbailehen aztertu ditudan Oiartzungo bertsolariak, ea kontzienteki moldatzen duten beren kantaera. Doinutegia nola erabiltzen duten, doinuak nola ikasten dituzten... bertsolari batzuen kantakera intonazio ikuspegitik ere aztertu daiteke: Xalbador, Uztapide, Lasarte, Enbeita". AZTERTUTAKO KANTAERAK ETA BAKOITZAREN BI ZERTZELADA Jose Joakin Mitxelena Agirrezabala (1924) "Kantari ona. Bere bi ezaugarri dira proiekzioa eta presentzia; handia izateaz gain, kantatzeko ere ahoa asko zabaltzen zuen... eta izugarri proiektatzen zuen ahotsa, bibrato indartsuz. Grupetoak eta beste figurak automatikoki egiten ditu, beste inork baino gehiago". Jose Luis Lekuona Garaiar "Lexoti II" (1925) "Gorputz, tinbre berezia du bere ahotsak. Oro har azkar kantatzen zuen, eta grabazio askotan nabari zaio eztarria ez zuela ongi". Koxme Lizaso Lekuona (1937)  "Nabari da garai hartako kantariak entzuten zituela. Askoz borobilago, motelago eta elegante kantatzen du, kantarien estetika hartzen du. Aztertu dudan corpusean behintzat, Koxme Lizaso da, Alaia Martinekin batera, polikien kantatzen duena". Joanito Mitxelena Andueza (1953) "Parametro batzuei erreparatuta, zaharren antzeko kantaera du, baina mikrofonoagatik edo, hainbeste proiektatu gabe. Ahots suabeagoa du. Denerako moldatzen den kantaera du, tabernarako, txapelketarako eta jaialdietarako". Arkaitz Oiartzabal Agirre "Xamoa" (1985) "Bizi kantatzen du, bizkor. Apenas erabiltzen duen apaindurarik, baina doinuarekin jolasten du, aldaerak egiten ditu... bertsolari familiakoa izateak azaldu lezake hori". Alaia Martin Etxebeste (1987) "Tinbrearekin jolasten du. Esaten ari denaren arabera jaisten du ozentasuna, aldatzen du ahots kolorea... Hitzen artean etenak egiten ditu, atsedenak, adierazkortasuna irabaziz. Bi ezaugarri horiek bereizgarri ditu".
news
argia-730daed1fa72
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/bilbo-arestirekin-zorretan.html
Bilbo Arestirekin zorretan
Dabi Piedra
2017-11-05 00:00:00
Bilbo Arestirekin zorretan Gabriel Aresti adiskideen begietan mahai inguruaren kronika. Urriaren 16an, Bilboko Bidebarrieta liburutegian aritu ziren Karmelo Landa, Josu Torre eta Anjel Zelaieta.
news
argia-d2dd6ae74d40
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/nola-egiten-da-errepublika-eta-nolakoa.html
Nola egiten da Errepublika, eta nolakoa?
Estitxu Eizagirre
2017-11-05 00:00:00
Nola egiten da Errepublika, eta nolakoa? Urriaren 27an Errepublika aldarrikapena bizi izan zuen kaleak: malkoak, maitasuna eta mamboa izan ziren Parlament aurrean bildutakoen lehen erreakzioak eta bakoitzak bere erara ospatu zuen gau hartan "bihar datorrena datorrela". Larunbata siestaren egun nazionala izan zen, Puigdemontek ere bere agerraldian pisu nagusia lasaitasunari emanik. Urriaren 29a iritsi zen, igandea, eta galdera zorrotzak entzun genituen lanean ekinean ari direnen artean, Terrassan eta Sabadellen: Nola jartzen da plantan Errepublika egiturarik gabe? Eta nolako konstituzioa da Kataluniako Errepublikak izango duena? Umorez entzun ahal diozu batari eta besteari "Errepublika hau da beraz? Ez da ezer berezia antzematen...". Inork ez luke esango herri bat egun batetik bestera aldatzen denik, baina Parlamenta eta Goberna berezko hautetsien esku baleude, beste festa eta giro bat arnastuko ziren. Igande goizean Terrassara jo dugu, bertako CDRak (Katalanezko hitzetan Errepublikaren Defentsarako Komiteak) antolatutako jardunaldira. Vallcarca, Sabadell eta Terrassako CDRetako ordezkariei galdera hau luzatu die moderatzaileak: "Bazegoen halako presa bat errepublika aldarrikatzeko. Eta orain hori eginik, nola lan egin behar dugu CDRetan?". Vallcarcakoak zorrotz erantzun du: "Guk errepublika aldarrikatzeko baino, presa genuen manipulatuak ez sentitzeko. Errepublika aldarrikatzea dinamika biziatua geldiarazteko modua izan da. Orain arte defentsa, erantzuna izan da CDRon logika. Orain prozesu konstitugileari ekiteko dago presa. Ekonomia eta politika adituak ari dira prozesu konstitugilea lantzen, eta hor ere herritarrek parte hartu behar dugu, zeren eta Europako Errepublika liberalak ez zaizkigu eredu, eliteen menpe ez dagoen eta politika soziala egiten duen Errepublika nahi dugu". CDRek era guztietako herritarrak auzolanean jarri dituztela eta konstituzio berriaren oinarriak lantzeko gune aproposenak direla azaldu dute. Entzuletik batek ezadostasuna adierazi du: "Orain CDRetan prozesu konstituziogilea lantzen hastea, indarrak sakabanatzea iruditzen zait, badira Omnium, ANC eta beste erakunde batzuk...". Terrassakoak erantzun dio, "CDRak baino ezer transbertsalagorik ez dago, ezin zaigu dispertsioa leporatu, ez da dispertsioa, aberastea da. Eztabaidak aberatsa izan behar du, eta CDRaren ekarpena hori da. Guk ez dugu inola inposatuko ez desprestigiatuko Omniumek-eta egiten dutena. Gurea sozialagoa dela uste dugu, eta ez dagoela ordezkatua erakunde batzuetan". Publikoko beste kide baten hitzak jaso ditu denen txaloak: "CDR-Omnium-ANC ez dira gauza ezberdinak. Ni hiruetan nago, ni enpresaria naiz, nire langileak grebara joango dira eta kobratuko dute. Prozesu hau denona da. Baina argi dago ezin dela utzi soilik politikarien eta eliteen esku konstituzio berri bat, bestela 1978an bezala sartuko digute gizartearen zati batena soilik den konstituzioa. Eta herritar denak hartu behar dira konstituzio horretan, baita nik bezala pentsatzen ez dutenak ere". Benet Salellas CUPeko kidea jardunaldi internazionalisten irekieran. "Ez dugu aurreikusi eta praktikan jartzeko mekanismorik ez dugu" Arratsaldean Sabadellera jo dugu, CUPek antolatutako jardunaldi internazionalistetara. Benet Salellasek jardunaldiak irekitzerakoan egin duen aitortzak urdailean zaztatekoa eragin digu: "Ez dugu ulertzen zergatik ez den ari Gobernu katalana Parlamentak ostiralean adostutako dekretuak martxan jartzen, Gobern legitimo moduan jokatzen. Ahultasun seinale da. Aurreikuspen politikorik eza dago horren oinarrian, eta CUP ere parte izan gara horretan, prest egon behar genuelako eta inoren aurreikuspenetan ez zelako sartzen aldarrikapena egin zen moduan egiterik. Mugimendu aurre-iraultzaile edo altxatzaile batek, ez badu mekanismorik bultzatzeko, ezin ditu egikaritu mugimenduak hartutako erabakiak. Kataluniak asumitu du errepublika aldarrikapena estatu aparaturik gabe (ejertzitorik gabe, gorputz judizialik gabe eta poliziarik gabe). Arrazoiaren indarra da gurea, gainezka egiten duen herritarren desobedientzia zibila dugu legitimatzaile, baina arrazoiaren indar hori nola martxan jarri? Oso zaila da mekanismo alternatiborik gabe, autoeraketa paralelorik gabe, 155. artikuluak eskuhartutako boterea berreskuratzea".
news
argia-925cb4299e84
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/baratxuria-faltzesen.html
Baratxuria Faltzesen
Jakoba Errekondo
2017-11-05 00:00:00
Baratxuria Faltzesen Udaberrian jasoko ditugun uztak buruan, ereintza eta landaketa lanetarako tarte polita da hotz handienen aurreko hau. Besteak beste, baratxuria (Allium sativum) orain ereiten da. Baratxuriaren ugalketarako ez dugu hazirik erabiltzen, begia, atala, xixterra edo izterra baizik, baina hala ere erein esaten zaio, berez landatzea litzatekeenari. Edo landatu, landare forma osoa duena –sustrai, zuztar eta hosto– bakarrik landatzen da? Eta hazi izan edo ez, haziaren lana –sustraia, zuztarra eta hostoa eman– egiten duen guztiari erein esaten zaio? Hemendik aurrera da berakazdia osatzeko sasoia, ahal izanez gero ilbeheran. Berdetan edo freskotan, baratxuri berri edo berakaztxo modura jatekoa orain hasi eta udaberrira arte erein daiteke. Erein eta hiru bat hilabetean baratxuri berria, hostajea bakarrik denez, jateko moduan da. Burutzeko sei hilabetetik gora behar du. Burutarako jartzen dena, aldiz, neguaren aurretik erein behar da; neguko hotzak buru hori sortzen lagunduko dio. Begira bestela baratxuri onenak non egiten diren, toki hotzetan. Euskal Herrian ezaguna da Faltzesko baratxuria, eta han hotz ederra egiten du: abenduan, urtarrilean eta otsailean batezbesteko tenperatura ez da 7 ºC-ra iristen. Faltzesen baratxuri eguna ospatzen dute udaren sarrera oro. Ehunka urte daramate bertakoek baratxuria lantzen. Itxuraz, XVII. mendeaz geroztik. Orduan elizari eta markesari ohiko nekazaritza mozkinengatik hamarrenak ordaindu behar zizkieten; jendilaje hori mantentzeagatik laboreak, barazkiak edota lekaleak egitea garesti ateratzen zitzaien, eta ekoizpen berri bat, ordainpekoa ez zen bat sartu zuten: baratxuria. Ederki ematen zuela jabetu eta hari heldu zioten. Baratxuria guk ederki jaten dugu, baina animalia gehienek ezin dute usaindu ere egin. Horrexegatik intsektizida modura erabiltzen da. Ur pixka batean bi baratxuri atal irabiatu txiki-txiki egin arte. Iragazi eta bost litro ur osatu horrekin. Ihinztagailu batekin intsektuak busti, edo haien erasotik libratu nahi ditugun landareak. Orkatzak, untxiak, erbiak eta abar ere uxatzen ditu.
news
argia-e87b90f0d471
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/udako-barnetegia.html
Etiopiarra, austriarra eta bi hungariar euskara ikasten
Miel Anjel Elustondo
2017-11-05 00:00:00
Etiopiarra, austriarra eta bi hungariar euskara ikasten Euskaraz ikasten eman dute udaren parte bat gure herrietako barnetegietan. Atzerritarrekin egin dugu lotura –edo ustez atzerritar genituenekin–, bertan bizi den askok bazterrera utzia duten hizkuntza ikasteko bidean esatekoak dituztenen bila. Hauxe kontatu digute… Gernikako etiopiarra Yemisirach Adimassu-k (Addis Abeba, Etiopia, 2000) duela lau urte Gernikara ikasle etorria, DBH egina da herriko San Fidel ikastolan eta erizaintza modulu batean da orain Zornotzan, gehiago ikasteko guran gero. Addis Abebatik gurera etorri zen ahizpa Afrike hemen zuelarik. "Hemen bizi da, adoptatua. Ni ere adoptatu nahi izan ninduten, baina zahartxoa ni ordurako, eta ezin adoptaturik, ikasketa programaren bidez ekarri ahal izan ninduten". Etorri orduko, hemengo hizkuntzarekin egin zuen topo, edo gurean hitz egiten direnekin. "Ez nekien euskara bazela ere, eta gaztelaniaz hitz egiten ere ez nekien. Hemen ikastolara hasi nintzenean, ingelesez egiten nuen lagunekin!". Hizkuntza frankoak lagundu zion lehen harremanak egiten etorri berriari. "Espainian gaztelaniaz hitz egiten zutela baino ez nekien. Baina Euskal Herrira etorri nintzen, Gernikara, eta hemen euskaraz ere hitz egiten da. Eta, gainera, gustatu egiten zait euskaraz hitz egitea. Eta gaztelaniaz ikastea baino errazagoa iruditzen zait. Egia esan, gaztelaniaz baino askoz hobeto hitz egiten dut euskaraz. Etxean ere euskaraz egiten dugu". Bitartean, ikastea dagokio, harako bertsolariaren aditz klase pila, hitzak beste mila... "Hasieran, dena zen berria, aditz pilo hura eta. Dena kolpetik ikasi behar izan nituen. Lehen bi urteak gogorrak gertatu zitzaizkidan. Denbora alferrik galtzen ari nintzela ere pentsatu nuen inoiz. Ikasten nuen, azterketa egin, eta ez nuen gainditzen. Negarrez hasten nintzen. Lagunek, berriz, animatu egiten ninduten. Eta gehiago ikasi behar izaten nuen, gaia errekuperatzeko, eta gainditzen nuen". Azkenean, pozik Adimassu, pozik etxekoak, pozik irakasleak. "Nitaz harro daudela esan zidaten ikastolako irakasleek, zelan ikasi dudan!". Euskaraz Adimassu, entzutekoa da Gernikako euskararen doinuan, bizkaieraz hizketan. "Erizaintza, adibidez, euskaraz ikasiko dut Zornotzan, gehiago gustatzen zaidalako euskara gaztelania baino, eta hobeto moldatzen naizelako". Erizaintza bidean ez da bakarrik izango. Ikaskide bi ere izango ditu Zornotzan, baina gaztelaniaz egingo dutenak. "Beraien artean ere gaztelaniaz egiten dute. Nik, lehen, gaztelaniaz zuzentzen bazitzaizkidan ere euskaraz erantzuten nuen beti. Orain, gaztelaniaz erantzuten hasita nago. Etorri nintzenean, kuadrillan euskaraz egiten genuen dena. Orain, gaztelaniaz gehiago euskaraz baino. Euskara galdu dudala nabaritzen dut". Bitartean, barnetegi bitan izan zen udako oporraldian. Zornotzako Aurten Bai-n izan zen abuztuaren bigarren hamabostaldian. "Hauxe da dagoena!" esan eta agurtu gintuen Gernikako etiopiar Adimassuk. Hungariar bi eta austriarra Unibertsitarioak hirurak, adin bertsukoak, nahiz nork bere bidea egina duen euskarari eta beste zenbait hizkuntzari dagokienez. Sara Molnar (Budapest, Hungaria, 1992), gaztelaniaz eta euskaraz mintzatu zaigu. Gaztelaniaz ikasten hasi zenean jakin zuen euskara ere bazela oraintsu lau urte. Latinoamerikan izan zen, boluntario lanetan Peruko hegoaldean. Dena beharrean ziren haurrak zaintzen eta jolas eginez ikasiz. "Nik orduan ez nekien gaztelaniaz, baina hango haurrei jolasaren bidez irakasten genien nola irakurri eta idatzi behar zuten. Ondoren, Erasmus ikasle izan nintzen Salamancan urte erdiz. Hantxe ikasi nuen ondo gaztelaniaz, eta jakin nuen Espainiako Estatuan euskara ere bazela. Budapestera itzuli nintzenean gaztelaniazko eskolak hartu nituen unibertsitatean eta hizkuntzak ikasteari lotu nintzaion: errusiera, gaztelania eta euskara". Sara Molnarrek Etxepare Institutuaren euskara eta euskal kultura irakurle Oxel Uribe-Etxebarria izan du irakasle Budapesten. Ezkerretik eskuinera: Sara Molnar (Hungaria), Marilena Opferkuch (Austria) eta Viktor Ulicsni (Hungaria). Argazkia: Zaldi Ero. Marilena Opferkuch (Graz, Austria, 1996), gaztelaniaz zuzen mintzo, anekdotaren jabe da. "2009an, UEFAko Kopa –Europa Liga du izena orain–, txapelketako partida zen bizi nintzen herrian, Salzburgon. Bilboko Athleticen kontra jokatu zuen etxeko taldeak, eta orduantxe aditu nituen izen haiek lehen aldiz: Bilbo, Euskadi, euskara… Deigarri egin zitzaizkidan. Urteak igaro eta iaz hasi nintzen benetan euskaraz ikasten, Leipzigeko unibertsitatean". Unai Lauzirika irakurlearekin, esan digunez. Leipzigen, dena den, euskara, galiziera eta katalan irakurleak dituzte. Marilena Opferkuchek euskara aukeratu zizun. Eta, zergatik euskara? "Zergatik ez?", bere erantzuna, eta ondoren: "Nahi dudalako". Lehen aldia du barnetegian, Etxepare Institutuaren beka baliaturik. "Urtean bi beka eskaintzen ditu gure unibertsitateak. Aurten etorri naiz, datorren urtekorik ez dakit. Ez da zuzena nik beka berritzea, badira-eta ikasle gehiago etorri nahi dutenak. Etortzekotan, neuk ordainduko nuke ikastaldia". Viktor Ulicsni (Nagykoros, Hungaria, 1989), ingelesez eta euskaraz zuzendu zaigu, gaztelaniaz tutik ere ulertzen ez duela. "Beti interesatu izan zaizkit atzerriko hizkuntza eta kulturek. Beharbada hamar urte nituen Basque-rekin topo egin nuenean. Etnobiologia da nire arloa. Komunitate bateko kideek basapiztien gainean duten jakintza". Ulicsnik ez dauka maila jakin batera iristeko helbururik. Zaletasuna du. Iragan ikasturtean euskaraz ikasten jardun zuen Budapesteko Unibertsitatean, eta horretan da aurtengoan ere. Hizkuntzak ikasten ari dela, Molnarrek badu munduko hizkuntzak ikasteak dituen korapiloen berri. "Euskara ikastea, adibidez, zaila zait, baina ez hain zaila ere. Hungarieran ere hitzaren amaieran jartzen ditugu preposizioak, eta hitz ikaragarri luzeak osatzen ahal ditugu. Horrek ez dit ikasketa errazten, baina laguntzen dit. Bestalde, gaztelaniaz ere ikasi dudanez, amen batean entenditu dut euskararen aditz denboren jokoa. Zornotzako barnetegian sartuta egon eta esateko moduan nago: inoiz ez dut hizkuntzarik hain bizkor ikasi, hauxe da ikastaroaren trinkoa!". Opferkuchek erantsia: "Egunean zortzi eskola-ordu, eta gainerakoa ere euskaraz, nahi nuke hizkuntza bizkor ikasi!". Opferkuchek ez du zailtasun apartekorik. "Euskarak gramatika zaila duela esaten da, deklinabide kasuak, aditz paradigmak… Baina praktikatuz gero, ez da zaila. Nor-nori lantzetik etorri gatzaizkizu elkarrizketara, eta airean ulertu dut, alemanez berdintsu baita". Jakina, beti ez da horrela. "Niri hitzak ikastea zait neke, hots berdina dutela iruditzen zait: 'garbitu', 'galdetu', 'aurkitu'…".  Horiek gogoan jostea du neke: "Eta nabari da: gainerako ikasleek guk baino askoz gehiago dakite. Gu beti ari gara 'ez dakit' esanez". Ulicsnik orduan: "Bai. Gehienek txikitandik aditua dute euskara. Batzuek, aitaita-amamei aditua; beste batzuek, eskolan. Horiek burmuinean dute hizkuntzaren ezagutza halako bat, bat-batean loratzen dena. Guk ez dugu horrelakorik. Baina bidea egin dugu, eta oso harro egon gintezke". Lau ikasle atzerritar, udan Euskal Herrian, euskara ikasten Zornotzako Aurten Bai-n.
news
argia-2ba8a24e7294
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/kataluniaren-argitan.html
Kataluniaren argitan
Inma Errea
2017-11-05 00:00:00
Kataluniaren argitan Jakin gabe ere zer  gertatuko den (urriaren 22an ari naiz artikulu hau idazten), hainbat kontu argi daude Kataluniaren aferaren inguruan. Besteak beste, hauek: Lehena: Kataluniak, independentzia lortu ala ez, irabazita dauka independentea izateko eskubidea. Kataluniako erakunde eta herritarrek aski eta sobera frogatu dute gauza direla herri gisa antolatzeko –aspaldidanik independenteak diren herrialde anitz baino neurri handiagoan–. Badakite borrokatzen indarkeriari heldu gabe eta, ahal heinean, lasaiki, eta trebe ari dira malgu eta tinko jokatzen aldi berean, desadostasunak tresna politiko bihurtzen, espontaneotasuna eta plangintza uztartzen unean-uneko beharrei erantzuteko, uko egin gabe, daukaten bide malkartsuan, ez umoreari, ez aniztasunari, ez beti harrotasun izan duten kultur atxikimenduari. Bigarrena: Espainia deitzen den Estatuak jarduteko modu nagusi bat baino ez omen du ezagutzen, familia batean kideak berari halabeharrez atxikita eduki nahi dituenaren antzera, zigorraren keinadaz gain ezer eskaini gabe, beti atzerantz tiraka, uzkur eta zurrun ezein negoziazioren aurrean. Historiari begiratuta, deigarria da ez ohartzea bide hori antzua dela, goizago edo beranduago huts eginen diola, eta  sufrimendua eta ezinegona besterik ez duela eragiten. Ez gara ibili fin, herri gisa, katalanek aspaldi hasitako bideaz garaiz ohartzeko. Gutako anitz berandu samar jabetu dira hango errealitateaz. Baina iritsi da garaia elkartasun-ekimen eraginkorragoei heltzeko Hirugarrena: agerian gelditu da, berriz ere, Europa deitzen dugun herrialde-multzoaren benetako izaera. Ez da lehen aldia, azken urteotan adibide ugari ikusi baititugu: Grezia, errefuxiatuen krisia eta, orain, Katalunia. Lekutan dago egun nozitzen ari garen Europako antolamendu lukur eta interesatua –gauzak dauden-daudenean utzi baino nahi ez duena, gutxi batzuen mesedetan– saldu ziguten amets europar goxo eta utopiko hartatik –non demokraziaren ontasun eta giza eskubideek orok bat egin behar baitzuten–. Laugarrena: Eskergarria da katalanen jardunak beste gauza asko agerian utzi izana, eta horien artean, Euskal Herrian jada ezagun genituen batzuk, hala nola giza eskubideen eta demokraziaren inguruan Espainian (eta Europan...) dauden gabezia handiak eta uste aizun askoak. Eta bosgarrena: ez gara ibili fin, herri gisa, katalanek aspaldi hasitako bideaz garaiz ohartzeko. Gutako anitz berandu samar jabetu dira hango errealitateaz –zoritxarrez, anitzek Madrilgo ikuspegia nagusi duten iturrietatik baino ez dute edaten–. Baina iritsi da garaia elkartasun-ekimen eraginkorragoei heltzeko. Beren burua abertzale edota aurrerakoitzat duten euskal alderdiek ez lukete utzi beharko Katalunia bakartuta inongo lege-atakatan, eta Kataluniaren alde jardun beharko lukete. Katalanen antzera, era baketsuan baina tinko.
news
argia-9980e44ad848
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/bizkaiko-pinudi-eta-eukaliptoen-ordez-bestelako-basogintza-nahi-du-kolore-guztietako-basoak-plataformak.html
Bizkaiko pinudi eta eukaliptoen ordez, bestelako basogintza nahi du Kolore Guztietako Basoak plataformak
Uriola.eus
2017-10-26 00:00:00
Bizkaiko pinudi eta eukaliptoen ordez, bestelako basogintza nahi du Kolore Guztietako Basoak plataformak Kolore Guztietako Basoak plataforma berria aurkeztu dute, naturatik gertuko basogintza egin dadila eskatzeko. Kolore Guztietako Basoak plataformak bere proposamenak aurkeztu ditu asteazkenean egindako prentsaurrekoan, gure basoak mantentzeko eta sustatzeko helburuarekin. Azken aldian, Galizian edota Portugalen izandako suteak saihesteko eta gure basoetako zuhaitzak mantentzeko proposamenak azaldu dituzte. Bizkaiko baso eremuen %53 pinudiak edota eukalpitoak dira. Zuhaitz horiek azkar hazten dira, baina sute bat dagoerean oso kaltegarriak izaten dira ingurumenarentzat, oso erraz hartzen dutelako sua. Plataformako kideen esanetan "Bizkaiko Foru Aldundiak ez badio arazoari heltzen, eta berehala zuzentzen ez badugu, ekonomian eta ingurumenean ondorio larriak ekarriko ditu zuhaitz hauetan oinarritutako basogintzak". Sortu daitezkeen suteek eragin gutxi izan dezaten, basogintza politika onak egin behar dira eta gaur egun horren premia dagoela adierazi dute. Gure baso autoktonoak babestu behar direla aldarrikatu dute, eta erabilpen libreko basoak kontrolatu. Kolore Guztietako Basoak Plataformak proposatu du "onura publikoko eta erabilpen librerako basoen %60 naturatik hurbileko baso kudeaketara eta %40 bertoko baso bezala kontserbatu dezatela". Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
news
argia-a90f53d5db7b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/iraganeko-leloak-orainean.html
Iraganeko leloak orainean
Irati Elorrieta
2017-11-05 00:00:00
Iraganeko leloak orainean Udazkeneko sua, AfD alderdia bostetik batek bozkatu duen herri batean. Batasunarekin zerbait galdu zuen Alemaniako ekialdeak. Losing my religion entzuten da. Hiru lagun kantuaren leloa baino gehiago abesten hasi gara. Seme-alabak begira jarri zaizkigu jakinguraz, hunkituta, deseroso. Auzo-lotsa ere ote zegoen beren begiraden koktelean? Seguruenez. Seme-alaben adina ez da nahikoa kantuak nora eraman gaituen jakiteko: 12-15 urte genitueneko nerabezarora eta orduko sentipenetara. Nora eza, barne eta kanpoko gerrak, bakardade eta ametsak, erantzunik gabeko maitasunak eta entzungor egiten duen ingurua. Musika-txinparta batek piztu digu iraganeko su baten oroitzapena, bakoitzari berea. Batzuei Led Zeppelin edo Iggy Pop entzuten gertatuko zaie, besteei Hertzainak edo Neguren arrakastekin. No pasarán entzun omen zen Bartzelonan, poliziari zuzenduta. 80 urteko tartea bere burua defendatzen zuen Errepublikaren eta deklaratua izan nahi duenaren artean. Frankismoa amaitzeke ote dagoen. Zilegi al den Gerra Zibila gogora ekartzea, zilegi al den iraganaz halako erabilera egitea. Batzuek ezetz diote, irmoki. Nazismoa ere amaitu zen, eta Alemanian naziekin konparaketak egiten diren oro, ez egiteko eskatzen da, arren, ez konparatzeko. Batzuetan musika bat entzuten dugu, eta buruak loturak egiten ditu. Batzuetan iraganeko gatazka batek, borroka batek, txinparta batek bezala salto egiten digu begien aurrera. Eta akaso, etorkizun posible baten irudia argitzen du. Antza, Europak irudi berri bat behar du. Atzera eta aurrera, epe luzera begira jartzen gaitu Kataluniak. Espainian sortu duen krisia ezin da banatu Europar Batasunak bizi duen krisi egoeratik. Herrien Europa desio dutenek esperantzaz begiratzen diote Kataluniari, estatu nazionalen Europan agintzen dutenek, aldiz, kezkaz. Ez da mugimendu fokalizatu batek Europan larritasuna sortzen duen lehen aldia. Denbora-jauzi handia egingo dut, 1871. urtera, alegia: Europak, beste arrazoi batzuengatik, beldurra izan zion Parisko Komunari. Vive la Commune! aldarrikatu zutenek ere, commune hitza iraganeko musiketatik erreskatatu zuten, citoyenne hitzarekin batera, Frantziako iraultzaren garaiari aipamen zuzena eginez. Autonomia lokalaren eskakizun horretan, denek ez zuten gauza bera ulertzen: deszentralizazioa, autogestioa, federalismoa... Eskala internazionalean proiektatzen zuten beren iraultza, eta Europako prentsak satanizatu egin zituen. Alemaniaren laguntzaz, egun gutxitan zapaldu ahal izan zuen Frantziak Parisko Komuna. Nazioarteko prentsan ez dute Katalunia guztiz txarto tratatu. Alemaniakoan ordea, oro har, testuinguru gutxiegi eskainiz eman dute hango gertaeren berri. No pasarán leloaren berrerabilera fartsa gisa kalifikatzen zuen kazetariren batek, eta katalanek Gerra Zibilaren erabilera oldarkorra egiten dutela salatzen zuen. Baina nortzuk dira farsanteak ? Marxen esaldi ezagunenetakoa izango dena datorkit gogora. Eta dio, Hegelen tesi bat osatuz, historia bi aldiz errepikatzen dela: lehenengo tragedia gisa, eta bigarrenez, fartsa gisa. Tragediaren sortzaileak izan zirenak bigarren bueltan farsanteak badira, hau da, ez diren zerbaiten itxura ematen badute, Espainiaren kasuan, demokrataz jantzita aurkezten dute beren burua.     Belaunaldiz belaunaldi, sarritan familia barruan, motibo jakin batzuk iragaten dira. Europa han eta hemen sutan daukagun garai honetan, hainbat lekutako iragan ezberdinetatik agertzen ari zaizkigu txinpartak.
news
argia-42bde64f8448
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/didier-lestrade-hiesaren-aurkako-militantea.html
"Gaitzitzen nauten norberekeria eta arrazismoa daude Frantziako gay komunitatean"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-11-05 00:00:00
"Gaitzitzen nauten norberekeria eta arrazismoa daude Frantziako gay komunitatean" Isilpean atxikiriko historia argira ekartzeko balio ukan du 120 battements par minutes (120 taupada minutuko) filmak Cannesko Urrezko Palmorria irabazi izanak. 80ko hamarkada bukaeratik aitzina hiesaren aurka eramandako borroka du hari nagusi. Jendartearen eta agintarien ezaxolakeria irauli duen militante horietariko bat dugu Didier Lestrade, Parisko Act Up-en lehen lehendakaria izandakoa. New Yorken sortzen da Act Up 1987an. Bi urte geroago sortu zenuten Pariskoa. Hamabost bat ginen elkartearen sorreran. AEBetako etsenpluan oinarritzen ginen; hain ziren handiak non eta astero haien dokumentuak mundu mailako beste taldeei bidaltzen zizkieten. Sekulako informazio eta inspirazio iturri izan ziren. Lehen urtea oso gogorra izan zen: ez genuen esperientziarik, bakar-bakarrik moldatu behar genuen, dirurik ez genuen, egoitzarik ere ez, dena nire etxean egiten genuen. Hortik bi urtera, beti hor ginela ikustearekin, gurekiko ikuspegia aldatzen hasi zen. Ezezaguna zen birusa ulertzea zenuten lehen eginkizuna. Medikuntza komisioa izan zen sortu genuen lehena. Autoformatu ginen, pertsona batez ala biz aparte, inork ez zuelako jakintzarik arlo horretan. Konprenitua jendarteratzen genuen. Baina ez genuen beti ulertzen, oso konplexua zen eta artetan ulertuarena ere egiten genuen. Konplexua eta gogorra. Ez zen erraza izan baina hauturik ez genuen. Medikuen partetik heltzen zitzaigun informazioa osatzeko ardura genuen, garaian gutxi zekitelako eta kontra-txosten medikalak ezinbestekoak zirelako. Eri garenean gogorra da ikustea nola barnetik jaten gaituen eritasunak. Alde basati bat du medikuntzak eta alde horri aurre egiteko prest ginenak oso gutxi ginen. Ekintza guneak izan ziren laborategiak. Arlo honetan genuelako behar gorria. Ez genekien batere nola funtzionatzen zuen farmazeutika industriak, beraz, kasik itsuki jotzen genituen. Geneukan adibide bakarra zen AEBetako Act Up-ek Burroughs-Wellcome laborategiaren aurkako ekintza baten eraginez AZT sendagaiaren prezioa %10 jaitsi zela. Ikusten genuen ekintza soil bati esker garestiegia zen botikaren prezioa apaltzen ahal genuela. Haiekin genituen bilerak ere ongi prestatzen genituen, dena egiten genuen haien ezegonkortzeko. Adeitsu izateko politikan zirenez, adeigabe izateko aukera genuen. Maritxua izatea, marizoro aldea exajeratzea... Ez ziren ohituak eta genituen armak erabiltzen genituen. Maritxuak eta punkiak. Halabeharrez, medikuntzaren unibertso hetsi eta hertsi horretan kausitu zineten. Medikuntza-ikerkuntza gaixorik gabe ezin daitekeela burutu genuen printzipiotzat. Eriok genuen sendagailuaren efektuei buruz informatuko. Industria babesten zuten paretak hausten lortu genuen eta informazio batzuk ematen hasi ziren. Apur bat eman eta guk sistematikoki gehiago eskatzen genuen. Galdetutakoa ez baziguten ematen, ekintza bat burutzen genuen. 1992 urtea arte iraun zuen, Bristol-Myers Squibb laborategia izan zen lehena elkarteekin lan egin behar zutela ulertu zuena. Entzuten eta ulertzen gintuen laborategi baten parean kausitzen ginen lehen aldikoz. "Bristol-Myers Squibbek egiten badu zergatik ez zuek?" galdera luzatu genien beste laborategiei. Argazkia: Aurore Lucas. Bazter utziak izatetik partaide izatera pasa zineten. Hainbat elkarteren artean osatu taldea muntatu genuen eta laborategiekin biltzen hasi ginen. Hitz eta joera ezberdineko elkarteek osatu koalizio baten parean zirela, bortxaz, botere pixka bat utzi behar zuten. 1994 urtetik aitzina, ordezkari bakar bat ala bi ukan beharrean, zazpinaka zetozen bileretara! Aktibista eta laborategien arteko harremanen aldaketa begi-bistakoa zen. AEBetako eta Frantziako aktibistek piztu suaren artean kokaturiko multinazionalak zirenez, han eta hemen estrategia bera ukan behar zuten. Azkenean, harreman onak ukaiteraino. Haien produktuen promozioa egiten genuela ulertu zutenean hobetu ziren harremanak. Haien suntsitzeko burutzen genituen ekintzak eta alta, ekintza orok haien burtsako akzioaren balioa emendatzen zuen. Ezin sinetsia zen. Baina guk, ikerkuntza eta komertzializazioaren arteko tarte hori laburtzea genuen helburu; horri esker bizi anitz salbatzea lortu genuen. Laborategiak, Estatua eta Eliza. Ez zenituzten jomuga txikiak. Hastapen batean botere erraldoi horiei atakatzearen ideiak berak iltzatzen gintuen, baina laster ohartu ginen atsegingarri ere izan zitekeela. Plazera ere bazen. Gure txikitasunaren parean hain ziren jomuga erraldoiak non eta nahi genuena egiten ahal genuen. Boterea haien aldean zuten, baina guk beldurra genuen eta horrek ondorioztatu zituen aitzinamenduak. "Seropositibook medikuntza-ikerketa gaixorik gabe ezin zitekeela burutu genuen printzipiotzat" Plazera ere kausitzen zenuten. Hitz egiteaz gain, jotzeko ahala genuen, aldi berean hitz egin eta jo genezakeen. Seropositibo garenean, botererik eta ahotsik gabe garenean, hau da, eritasunaren eta jendartearen parean gerizarik gabe garenean, gozagarri da konturatzea indar bat daukagula eta jomuga ahultzeko erabili dezakegula. Eritasunaz eta heriotzaz inguraturik, jendartearen ezaxola giroan, nola lortzen zenuten esperantza atxikitzen? Act Up-en ekintzak ezagunak dira, baina ez barne-giroari zuzendu garrantzia. Beldurra nagusi zen gure baitan eta kohesioa zein laguntasuna ezinbestekoak genituen aitzina egiteko. Noski, banakotasuna bazegoen baina kolektiboa zen inportantea, aukeraturiko familia -ren ideia indartsua zen. Hala ere, gatazka handiak bagenituen. Nire testu gaiztoena elkartea utzi nuenean idatzi nuen; barnekoa atera behar nuen. Seropositibo identitatea ere landu zenuten.    Homosexualitatearen eta hiesaren arteko lotura ez zuten aipatu nahi beste elkarteek, zioten ez zela lehen lerroan jarri behar. Gay Harrotasunean ere ez gintuzten begi onez ikusten. Guk ez genuen berdin pentsatzen. Are urrunago, seropositibo identitatea bazegoela genioen eta garatzeko hautua egin genuen. Garatu ezean jendeak konplexu gisa biziko zuelako. Balioa eman genion seropositibo izateari, identitate hori ohoratu genuen. Ados gara ez dagoela harro izaterik, baina hain zen diskriminazioaren eta beldurraren sinbolo non eta harrotasunez aldarrikatzea zen gelditzen zitzaigun aukera bakarra. Argazkia '120 battements par minute' filmeko fotograma da. Filma 90eko hamarkadan hiesaren aurka borrokatzeko sortutako Act Up mugimenduaz da. Frantziak Oscarretara aurkezteko aukeratu du. Lesbianek Act Up-en ukan rola ere nabarmentzekoa da. Lesbianen engaiamendua sekulakoa izan zen hasieratik, Act Up barruan zementu izan dira lesbianak. San Franciscon, hastapeneko momentu gogorrenetan, 1981ean, lesbianak izan ziren odola ematen lehenak. Geroago, 1994tik aitzina etorri ziren heterosexualak. Orduan hartu zuen abiada Act Up-ek, indar koalizio izateaz gain genero koalizio ere bihurtu ginelako. Komunitate bakoitzak bere etika eta kultura ekartzen zion taldeari. Heterosexualez trufatzen ginen, zintzoki bazen ere, nonbait iragatze erritua pasa behar zuten. Heterosexual anitzek zioten Act Up-en baitan gayekiko subordinazio egoeran zirela. Eraman duzuen borroka isilean atxikia izan da. Militante horien historia kontatzea izan da Robin Campillo eta Philippe Mangeot 120 battements par minute filmaren gidoilarien helburuetariko bat. Historiaren orri hau nahitara ahantzirik edota desitxuraturik zela ikusteak min egiten zien. Urteak pasa dira eta Act Up-ez hitz egin eta "oraino horretaz mintzo zira?!" zioen jendeak, oroitzapen hori irudikatzeagatik ia ahalke sentimendua sortu arte gure baitan. Arras ongi ulertzen dut garaiak aldatu direla eta beste gai batzuk daudela plazaren erdian, ni ere ez naiz beti Act Up-ez mintzo. Baina penagarria da ikustea nola ahanzturarekin zigortu nahi izan duten borroka hori. Noski, filmak hori zuzentzen du. Militante batzuek ere ahantzi nahi izan zuten. Tratamenduak agertu zirenean mugimendua lasaitu zen; jendeak aurrera egin nahi zuen, bizi pribatuari lotu nahi zuen. Urte luzetan bizi guztia Act Up-i zuzendu zioten. Alde zinez dramatikoa zuten gure ekintza zein diskurtsoek, une oro berri txarren plazaratzen ari ginen. Gure aurka itzuli zen, giro beltz horrek nekatu gintuen. Eskerrak barne giro goxoa genuela giro hori konpentsatzeko. Gaur egungo Frantziako gay komunitateaz kritiko zara. Gayak pribilegiatu bilakatu dira eta besteaz ez dira gehiago arduratzen. Adibiderik onena homosexualentzako ezkontza dugu. Lesbianei hitz emandako medikuntzaz lagunduriko haur sortzea bazterrera utziz irabazi genuen eskubide hori. Beste behin ere lesbianak sakrifikatu ditugu aitzina pauso bat lortzeko. Bestalde, zer gertatuko zaigu zahartzaroan seropositibo zaharroi? Biziki konplikatuak diren osagarri arazoak ditugu. Une honetan adibidez, hortzak erortzen zaizkit. "Gure borrokaren abangoardia dira transexualak, eta ez 30 urtekoak 15ekoak baizik!" Izaera politikorik gabekoa dela deitoratzen duzu. LGBT komunitate bat badela badiogu, komunitate baten gisara jokatu behar dugu. Komunitate espiritua, ordea, ez doa azkar Frantzian, pribilegiatu gisa jokatzen dutelako gayek. Hiesari doakionez herri aberatsek lortutakoa herri pobreek lortu behar duten gisara, gayek lorturikoa eskuratu behar dute lesbiana zein transexualek ere. Ingalaterran edota Alemanian etorkinez arduratzen diren LGBT taldeak daude. Zergatik ez Frantzian? Gaitzitzen nauten norberekeria eta arrazismoa daude Frantziako gay komunitatean. Gaur egungo gayek larrua jo nahi dute, besterik ez. Ligatzeko aplikazioetan daude eta oso ongi dago, ni ere banago; baina berekoikerian gaude gehiegi, epidemia aitzineko berekoikeria berean. Pertsona ezagun anitzek coming out -a ez egitea berekoikeria honen beste alde bat da. Haientzat eta komunitatearentzat on den zerbait ezin badute egin, ez diet konfiantzarik. Kritika horiek heterosexualentzat ere balio dute. Egia da. Baina errango nuke gayak baino arras fiteago bestelakotu direla heterosexualak. Tolerantzia handiagoa dago eta uste dut hiesaren aurkako borrokaren emaitza ere badela, itxura edota klaseari so egiteari utzi eta elkar-laguntzari lotu zirelako. Gaur egun ia lehengokoaren alderantzizkoa naizela errango nuke. Lehen soilik gayekin sentitzen nintzen ongi, orain alderantzizkoa da, heterosexualekin hobeto sentitzen naiz. Beldurgarria da hori erratea! [irriz]. Homonazionalismoa gora doa. Orokorki etorkinei begira dagoen joeraren aurpegi bat da. Batez ere besteen erlijioaren errefusaren isla da. Gai horrek mintzen nau zeren kolono seme naiz, arabiar herri batean sortu nintzen. "Haietaz interesatuko gara emakumeekiko eta gayekiko tolerante izango direnean" erratea joera oso inperialista da. Lehen erabat antiklerikala, erlijioen aurkakoa nintzen, baina aldatu behar nuela ulertu nuen 2001eko irailak 11 biharamunean. Erlijioa norberaren askatasunaren parte da. Ezin dugu pertsona bere erlijiora mugatu, bere sexualitatera mugatu ezin dugun bezala. Garrantzitsua da, baina ez da guztia. Gutxiengoek ez dute erraza Frantzian. Gutxiengo etnikoek ia apartheid soziala pairatzen dute. Gure iragan koloniala sekula konpondu ez izana da arrazoi nagusietariko bat. Frantziak barkamena luzatu behar lioke Aljeriari eta ukandako beste koloniei. Testuinguru horrek ezberdinari buruzko herra elikatzen du. Aniztasunari beldur dio gay zuriak. Paradoxikoki, 70eko hamarkadan harreman gehiago zegoen gay eta musulmanen artean. Geroz eta gehiago ari dira eskuina bozkatzen, baita Fronte Nazionala bozkatzen ere. FN-k homosexualak xarmatzen lortzen duen lehen aldia da. Agian LGBT multzoa "komunitate" izendatzeak ez du gehiago zentzurik. Uste dut komunitate ideia mantendu behar dugula. Tolerantzia egon daiteke. Gure borrokaren abangoardia dira transexualak. Ez dira 30 urteko transexualak mintzo, 15 urtekoak baizik, hots, gazteria berria! Uste dut identitatearen kontzeptua erabat aldatuko dela eta nahi ala ez mugimendua elikatuko duela. Gutxiengoaren barnean dagoen gutxiengoak du agenda finkatzen. Horretarako prest al da gay komunitatea? Ez, baina onartu beharko du. Hiesaren aurkako borrokarekin gauza bera gertatu zen, hasieran ez zuten nahi, baina azkenean, kritikatu gintuztenak gurekin genituen. Uste dut mugimendu militantea betidanik freaks -ek zuzendu dutela. Act Up-en bagenituen eta haiek zuten taldea bideratzen. Transexualak komunitateko freaks -ak dira eta haien arabera ariko gara.
news
argia-55c8f4097c80
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/begiak-ireki-eta.html
Begiak ireki eta
Aritz Galarraga
2017-11-05 00:00:00
Begiak ireki eta Reno, Nevada, Ameriketako Estatu Batuak. Euskaldunon iruditerian hiri seinalatua: euskal kolonia garrantzitsua (zeren urrina duen, auskalo), artzain euskaldunaren omenezko monumentua (ados, ez dut txantxarekin jarraituko), are, Center for Basque Studies, euskara eta euskal ikasketak lantzeko ikerketa zentroa. Zilbor behaketa horretatik kanpora zer ordea? Ilun, ez behintzat Las Vegas bizilagunaren argirik. Galdetuko dizu Ero hiria ipuin bilduma honetako pertsonaia batek: "Zer egin daiteke Renon arratsaldeko bostetatik aurrera?". Aurrerago erantzuteko beste ipuin batean beste batek: "Renon ez dun ezer gertatzen". Renon baitaude girotuta hamar ipuin hauetako bat eta bakoitza. Hamarrak irakurrita, ordea, kontxo, ezer ez baino zerbait gertatzen dela esan behar, eta zerbait asko: ez agian zaratots arranditsu artean, baina gehiago lurrazpiko dar-dar apenas atzemangarri eta konstante batean. Emakume eta gizonen (eta are emakume eta emakumeen, eta gizon eta gizonen) arteko harremanak dira nagusi, harreman, nola deitu, batez ere afektiboak –"Flirteatzea da gaur egun geratzen zaigun bide bakarra"–. Jatorri, kondizio, jaidura askotariko emakume eta gizonak, elkar ulertzera edo elkar ez-ulertzera edo gutxienez elkarrekin interaktuatzera kondenatuta daudenak. Mundu guztia biltzen da hartara orriotan, mundu txiki bat, esan dezagun munduaren zabala har lezakeen mikrokosmos bat. Lasai, euskaldunok ere bagaude, zorionez dosi txikietan –"Euskaldunok ez gaituk santujale hutsak" esateko, adibidez; edota aberkide bat "immigraziokoek harrapatu eta etxera bidali ditek"–. Ero hiria, beraz, baina jende erabat normala aterpetzen duena bere baitan, osotoro arrunta, zu eta ni bezalakoa. Taberna ugari (billar-mahai musika jotzeko oholtza, han-hor-hemen ageri diren hegazti eta piztien gorputz disekatuak), alkohol ugari (azenario-zukua ere bai, tarteka), zinema ugari ("Egungo heziketan hain da sakona Hollywooden eragina"), milurteko berriaren karietara zalantza ugari. Horien artean gertatzen dira hemen gertatu beharrekoak. Eta hasieran egindako galderekin baino, geratuko nintzateke "Renora etorriz gero dena da posible", "Renon egunak hogeita lau ordu baino gehiago ditu" bezalako baieztapenekin. "Begiak ireki eta gauza asko ikusiko dituk Renon". Besterik ez bada, Javi Cilleroren eskutik.
news
argia-369ab295129f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/pau-llonch.html
"Gatazkaren bidez Espainiako Estatua mahai batean eserarazi behar dugu"
Lander Arbelaitz Mitxelena
2017-10-30 00:00:00
"Gatazkaren bidez Espainiako Estatua mahai batean eserarazi behar dugu" Pau Llonch (Sabadell, 1982) musikaria eta ekintzaile politikoa da. At Versaris rap taldeko, PAH plataformako, Crida per Sabadelleko eta CUPeko kidea da. Zurrunbiloaren erdian harrapatu dugu, eta analisi zorrotza estimatu diogu. Prozesua luzea izan da, baina Errepublika aldarrikatzera iritsi da. Zer azpimarratuko zenuke zazpi urte hauetatik? Ezkerretik egin dugun balorazioan nabarmendu dugu autodeterminazio prozesuaren hegemonia pixkana posizio errepublikazaleetara biratzen joan dela, eskubideen konkistara, eta geroz eta urrunago dagoela gako identitario esentzialistetatik. Espainiako ezkerrak ez du asmatu gertatzen ari zena ikusten. Ezker independentistaren tesi errealistenak eta materialistenak finkatzen joan dira prozesuaren markoan, eta minik eta gatazkarik gabeko eszenario bat irudikatzen zuten ikuspegi idealistenak bidean geratu dira. Jende askorentzat esnatze handia izan da prozesua, bloke independentistakoak barne, masak politizatzeko prozesu herrikoi bat. Kataluniako gizartea, beraz, ezkerrera biratzen ari dela esan genezake? Ukaezina da. Prozesu independentistan eskuineko aktoreek beren lidergoa finkatuko bazuten, beren espazio politikoari ez zegozkion posizioak defendatzen amaitu dute. Orain aste gutxi Puigdemontek mitin batean mahai gainean jarri zituen Espainiako Konstituzio Epaitegiak atzera botatako legeak, neguan jendeari argindarra moztea debekatzen zuena, adibidez. Bere burua behartuta ikusi du diskurtso hori erabiltzera, hori delako prozesuari aurrera egiten uzten dion diskurtso bakarra. Eta errepasatzen baditugu Kataluniako Parlamentuak onartu eta Konstituzio Epaitegiak atzera botatako hamabi legeak, askok eduki soziala dute: Etxe kaleratzeen aurkako legerik aurrerakoienetakoa, energia pobreziaren aurkakoa, bankuen fiskalitateari buruzkoa... Zein ari da izaten CUPen lana urte hauetan? Lan handia egin du aipatu dugun ezkerreranzko biraketa bultzatzen, prozesua posizio horietan finka zedin, independentismora jende berria erakartzeko. Beste inork aterako ez zituen gai batzuk agenda politikoan jarri ditu, izan ordena sozioekonomikoari buruzkoak, genero kontuak, errepresioaren aurkakoak, internazionalistak... independentismo ez nazionalista bat eraikitzen lan egin du. Eta azken hilabeteetan? Autokritikoa izango naiz. CUPek instituzio mailan duen papera minimizatu dute eta prozesuak dinamika elitista izan du azken aldian, despatxista . Hori gertatu den guztietan, akats estrategiko edo taktiko potoloak egin dira. Urriaren 10ean, independentzia aldarrikatu eta bertan behera utzi zen egunekoa adibide ona da. Kataluniako herriarekin Generalitateak politika komunikatibo oso txarra egin zuen, itxaropen faltsuak sortu zituzten bazekitenean zer gertatuko zen. Ezker independentistarekiko ekintza desleiala izan zen, gure jendeak ez zekien irakurriko zenaren edukia eta gainera, azken orduan aldatu egin zuten. Azken asteetan dinamika hori izan da, eta kezkatu egin behar gaitu. Mugimendu guztiarekiko informazio eta komunikazio falta horrek atea irekitzen dio geure burua eroso aurkituko ez genukeen agertoki bati. Datozen asteetan CUPek lan egin behar du maila instituzional eta herrikoian berreskuratzeko azken urteetan izan duen protagonismoa, eta PdCat, ERC, ANC eta Òmniumek osatzen duten Estat Major horretatik ez marjinatua gelditzeko. Puntu honetara heldu nahi zuen Kataluniako eskuin politikoak? "Espainiako ezkerrak huts egin digu" Kaleak behartu ditu. PdCateko parte bat bere kudeaketa ekonomiko eta politikoa afera nazionalarekin estaltzen saiatu zen, baina herri mugimenduak estrategia hau ezerezean utzi du, eta Gobernua herritarren eskaerak obeditzen joan da. Maila politikoan gainera, auto-suntsitzen joan da eskuina. Unió mapatik desagertu da, CiUko sektorerik atzerakoiena, PdCateko sektore kontserbadoreena ere desplazatu egin dute, batzuek dimititu egin dute eta beste batzuk albo batean geratu dira. Eskuin ekonomikoak, berriz, ez du sekula babestu prozesua. Fase honetan, enpresa ertain eta txikien patronala ere duda-mudatan ikusten dugu. Hasieratik borroka izugarria egin dute independentismoaren aurka patronal guztiek, bankuek, elite katalan eta espainiarrek. Hori garrantzitsua da, nazioarteko eragile askok aipatu baitigute atzerrian zabaltzen ari dela hau burgesiaren proiektu bat dela, Kataluniako prozesua Italia iparraldeko prozesuarekin parekatzen dutela. Eta ez da hala. Espainiako ezkerrarekin eztabaidan ikusi zaitugu ... Eztabaida sutsu eta publikoa egitea erabaki genuen oso atsekabetuta geundelako Espainiako ezkerrarekin, beste zerbait espero genuelako. Espainiako eta Kataluniako eskuinekin ez nago atsekabetuta, badakigulako zein agertoki saiatuko diren ekiditen beti, baina Espainiako ezkerrak huts egin digu. Gai ekonomiko eta sozialetan eztabaida interesgarriak partekatu ditugun jendea oso atzerakoi ikusi dugu gai nazionalari dagokionean. Espainiako eta Kataluniako ezker ez-independentistek ez dute eztabaidarik egin gai honen inguruan azken 40 urteetan. Manuel Delgado komunistak kontatzen duenez, posizio ezberdinak zeudelako eta ez zelako "lehentasunezkoa". Ezkerraren ikuskera oso etapista iruditzen zait, nolabait esanez "lehenik klase kontraesanak konpondu behar dira, eta gero beren pisuz eroriko dira beste gaiak, izan generoari lotuak edo auzi nazionala. Ezkerreko erreferente hauek beste gai askotan kritikatu izan duten marxismo ortodoxoaren ikuskera da. Nazionalismo espainiar naturalizatua ezkutatzen dute. Autodeterminazioa ez dute ikusten borrokatuz irabazten den eskubide gisa, baizik eta, soilik itun bidez konpon daitekeen zerbait, eta itun hori lortzeko Espainiako Estatuko indar harreman guztia aldatu behar da. Hori akatsa da, jendeak ulertu behar baitu herrien autodeterminazio eskubidea urratuz eraiki dela Espainiako Estatua. Eskubide hau egikaritzeak estatuko klase herrikoi guztiak inplikatu behar lituzke. Argazkia: Lander Arbelaitz Zer iruditu zitzaizun Urkullu lehendakariaren bitartekaritza? Estatuko nazioek dituzten proiektu nazionalen alderik okerrena gorpuzten du EAJk. Gai nazionala status quoa indartzeko erabiltzen du, Euskal Herriko bere klase interesak kudeatzeko, eta gainera, beste proiektu nazionalen xedeak kaltetzen ditu, beren burua aurkeztuz nazionalista zentzudun bezala. Azken hilabeteetan prozesu katalanarekiko paperik kaltegarriena jokatu du EAJk. Eta Puigdemont hauteskundeetara joateko prest egotea? Prozesuaren fase oso elitistan gaudela agerian uzten du U1eko aginte herrikoia bertan behera uzteak. Autodeterminazioaren aldeko eta Estatuaren aurkako borroka objektiboki pertsonifikatu dutelako, mugimendu soberanistaren babesa duten pertsona batzuek gaitasuna dute atzera egiteko. Horrek gehiago kezkatzen nau EAJrenak baino. Azkenean errepublika aldarrikatu zenuten eta Espainiako Estatuak 155. artikulua indarrean jarri du. Zer espero duzue? Elkarrizketa hau ziurgabetasun handiko une batean egiten didazu. Estatuak erakutsi du fase errepresibo garrantzitsu bati ekiteko gai dela, baina kontziente dela, jarrera erabat biolentoa hartzeak bere zilegitasunari azpiak jaten dizkiola etxean eta kanpoan. Tuskek Rajoyri esan zion biolentziarik gabe konpontzeko eta horrek mugatu egiten du Estatuak 155. artikulua aplikatzeko duen margena. Adibidez, ikusi du TV3, Catalunya Ràdio eta ACNko langileen erresistentzia eta horregatik utzi ditu hedabideak albo batera. Badakite oso zaila izango dutela hezkuntzaren alorrean eskua sartzea, murrizketak pairatu arren, oso ongi baloratutako sektorea delako. Huts egingo dute hor sartzen saiatzen badira. Alde horretatik baikorrak izan gaitezke, baina Kataluniako Gobernuko kideen aurka errepresio kanpaina gogorra dator: kontseilariak karguetatik kenduko dituzte, atxiloketak egon daitezke, eta hor erreferendumetik antolatzen ari diren herri mugimenduek paper garrantzitsua dute jokatzeko. Nola dago kalearen eta instituzioen arteko harremana? Ez nago ziur Kataluniako Gobernuak konfiantzarik duen herri mugimendu horretan, ea konturatzen den zer nolako indarra izatera hel daitekeen. Aldarrikapenaren osteko lehen erreakzioetan ez dira oso adore-emaile ibili. Errepublikaren aldarrikapena gauzatzeko dauden zailtasun objektiboak ikusita –lurraldearen kontrola edo estatuaren oinarriak jartzea–, askok agindu garbiagoak espero genituen mobilizazio iraunkorra mantentzeko. Gatazkaren bidez Espainiako Estatua mahai batean eserarazi behar dugu. Gauza asko dago negoziatzeko. Uste dut Kataluniako Gobernua zalantzan dagoela, ez duela sartu nahi eszenario batean non ez duen kontrolatzen orain kontrolatzen duen bezainbeste. Hori akatsa izango da, egunotan ikusiko da, Kataluniako Errepublikaren hedatzea soilik posible izango dela mobilizazio iraunkor eta transbertsal baten babesarekin. Kataluniako Poliziak agindu judizialak beteko ditu, ez dugu gaitasunik zergak biltzeko nahiz eta egitura batzuk antolatu diren. Daukagun gauza bakarra da ezegonkortasun ekonomiko eta politikoa eragitea, Estatuari kalte eginez, eta nazioarteko agenteak bertan sartzera behartuz, negoziazio mahai hori gauza dadin. Zein dira aurrera begirako gakoak? "Prozesu katalanarekiko paperik kaltegarriena jokatu du EAJk" Trantsizio legeak jasotzen duen prozesu konstituziogilea edukiz betetzea izango da ezker independentistaren erronka handiena. Nazionalistak ez garen jende asko sartu gara prozesura arrazoi horregatik. Badago aurrerakoia den hegemonia sozial bat, politika publiko eta komunitarioak aurrera eramateko, austerokraziaren eta Troikaren diktaduraren alternatibaren adibide izan daitezen. Uste dut egiteko moduan gaudela, agian independentista ere ez diren aliatuekin, eta uste dut gauden momentu politikoan bide erakusle izan daitekeela, Europan anomalia bat. Errepublika modu efektiboan nola eraiki nahi dugun eztabaidatu behar dugu, zailtasunak zailtasun, objektibo eta materialak. Europar Batasunak Kataluniarekiko duen jarrerak hauspotu dezake erakunde honekiko kritika? Bai, Europar Batasunari buruz Kataluniako gizarteak duen pertzepzio errealista hobetzen laguntzen du. Argiago ikusten da zein diren instituzioen muga erreal eta faktikoak, bai Kataluniako herriaren emantzipazioari, baita langile klasearen emantzipazio sozialari dagokionean ere. Prozesu interesgarria da. Guk gainera, urteak daramatzagu kapitalismoaren eta Europar Batasunaren aurkako pedagogia egiten, inor gutxi bezala. Europar Batasuna zer den norbaitek argi badu, hori Kataluniako ezker independentista da, eta beste ezker batzuei zer pentsatu eman behar lieke, bide batez esateko. Hala ere, errealistak izan behar dugu, eta estatu baten eraikuntzak beste estatuen aitortza eskatzen du. EBren aitortzarik eduki ez arren, estrategia batzuk garatu behar ditugu Europa eta munduko ezkerrekin batera, Kataluniako egoeraren ezagutza eta errepublikaren aitortza zabaltzen joan dadin pixkana. Ikusiko dugu. Europan Greziak bizi izan zuen egoera erreproduzi dezake Kataluniak? Herritarren eskaera versus goitik behera datorren ukazioa? Hasteko, Grezian gertatuari buruz ados nago Arnado Otegirekin: Europako klase herritarrek ez zuten ikusi Greziako herriaren borrokak elkartasun guztia eskatzen zuela, eskala globaleko borroka zela. Eta Kataluniako auzi nazionalari dagokionez, kontinenteko eta Mediterraniako mugimendu askatzaileak okertu egingo lirateke ez balute ikusiko Kataluniako herrian lantzaren punta dela eskubide demokratikoen, nazionalen eta zibilen konkistaren aldeko borrokan. Berdin estaturik gabeko mundu osoko herriekin. Hala ere, espero dugu ez amaitzea Grezian bezala. Estatutik hauteskundeak deitu dituzte... nola atera zurrunbilo honetatik? Elkarrizketa egiten didazu gauza asko gertatzen ari diren unean, eta ez daukagu oso garbi zein izango den Kataluniako Gobernuaren posizioa fase errepresibo honen aurrean. Ikusiko dugu. Uste dut, Gobernuak aurrera tinko egiten badu, modu efektiboan hedatuz dekretuak eta Errepublikaren legaltasuna eraikiz, instituzionalizazio bikoitza eta gatazka egoera ekarriko du. Hala ere, agertoki irekia da, ikusi behar baitugu ea Estatuaren errepresioa efektiboa den egin nahi duenerako. Ikusiko dugu ea kargu publikoak atxilotzen dituzten, ea herri mugimenduen erantzuna zein den eta orduan argazki osoagoa izango dugu agertokiak aztertzeko. Zu PAHko militante ere bazara Sabadellen. Nola bizi duzue prozesu independentista horrelako espazio politikoetan? Gezurretan ariko nintzateke esango banizu eztabaidatzen dela, errepresioaren aurkako dinamikei babes osoa ematetik harago. Ez dago eztabaida hau modu irekian, eta nik uste sanoa dela hala izatea. Nik bost urte daramatzat PAHn militatzen, eta nik bezala, askok azken aldian ezin diogu lehen eskaintzen genion energia guztia eskaini, baina itzuliko gara. Eraiki behar diren burujabetza horietarako erreferente direlako, auto-antolatzen den jendea delako, beren bizitzaren ardura beren gain hartzen dutelako eta desobedientzia naturalizatzen dutelako. Sabadellen lau etxebizitza bloke dauzkagu okupatuta, etxerik gabeko jendea bizi dadin. Elkartasun terminoetan berreraiki egiten ditugu krisi ekonomikoagatik kaltetutako lotura sozialak, eta sozialki zabaltzen duen praktikak eraiki. Garrantzitsua da espazio hauek bultzatzen jarraitzea, nahiz eta zaila den horrelako momentuetan leku guztietara heltzea. *  *  *  *  * Arrazismoaren aurkako errima tailerrak At Versaris izeneko rap taldean parte hartu izan du Pau Llonchek, abestien eduki kritikoagatik ezagunak, ezker antikapitalistarekin lotutako taldea. Kontzertuak ematen urteak egin ostean, ekimen hau abiatu zuten orain bost urte: haurrei errima tailerrak ematea , rapeatzen ikas dezaten eta eduki kritikoak lantzeko beste modu bat izan dezaten. Hasieratik potentzialtasun handia ikusi ziotela diote, eta egun hiru kide aritzen dira horretan. Hezkuntza alorretik proposamena gogo biziz hartu zutela kontatu digu Llonchek. Egun, Kataluniako Bigarren Hezkuntzako institutuetara joaten dira eta iaz 5.000 ikaslerengana heldu ziren. Arrakastaren gakoei buruz galdetuta, ondorengoa dio: "Aktualitateari buruzko gogoeta kritikoak bultzatzen ditugu, ikasgeletara sartu. Gazteentzat gertukoa den tresna batekin egiten dugu, kritikoki adierazteko aukera ematen dien rap musikaren bidez". Eskuin muturraren igoeraz, arrazismoaz, xenofobiaz, sexismoaz eta besteri buruz egiten dituzte letrak gazteek, eta gero elkarri abesten dizkiete gelaren aurrean. "Dinamika ederra da eta hezkuntzan eragina du, oso pozik eta gogobeteta gaude. Gazteei gustatu egiten zaiela ikusteak eskertasuna eragiten digu. Tailerraren filosofia da kontzientziak eraldatzea praktikaren bidez, kasu honetan, praxi kulturalaren bidez".
news
argia-243705664da1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/faraoia-etxe-handi-bat-da.html
Faraoia etxe handi bat da
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-05 00:00:00
Faraoia etxe handi bat da Per-aa hitzak "etxe handia" esan nahi du egiptoeraz. Faraoia, jakina, etxe handi batean bizi zen, eta haren jauregia izendatuz azaltzen da hitza dinastia zaharrenetako idatzietan. Per-aa hura par'oh bihurtu zen hebreeraz, eta pharao grekoz. Hortik dator faraoi hitza, baina Egiptoko erregea izendatzen du, ez haren etxea. Gaur egun Egipton ere per-aa esaten diote faraoiari, baina erabilera nahiko "berria" da. Egiptoar eskribek nesu (errege), neb (jaun) edo hemef (maiestate) hitzak erabili ohi zituzten. Amenhotep III.aren agintaldian, K.a. XIV. mendean erabili zuten lehenengoz per-aa agintari gorena izendatzeko.
news
argia-2fe2400e261b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/mezulari-prekarioak-kooperatiban-antolatzen-deliverooren-aurrean.html
Mezulari prekarioak kooperatiban antolatzen Deliverooren aurrean
Pello Zubiria Kamino
2017-11-05 00:00:00
Mezulari prekarioak kooperatiban antolatzen Deliverooren aurrean Bartzelonan ari dira bat osatzen, Parisen beste bat kasik prest daukate, Toulousen ba omen dago bat martxan... Hiri handietan jaki azkarrak jatetxeetatik etxebizitzetara banatzen dituzten bizikletazko mezulariak kooperatibetan antolatzen hasi dira, Deliveroo bezalako konpainiek horietako asko kaleratu ostean. Milioika jende prekariotzara kondenatu dituen 'Gig Economy' delakoaren barruan duintasunez bizirauteko ahalegina da, zailtasun askoren artean ernea. Bartzelonan Glovo eta Deliveroon aritutako mezulariak rider kooperatiba berria antolatzen ari dira. Joan den udako grebaren ostean erabaki dute ekonomia sozialeko enpresa bat sortzea etxez etxe jakiak banatzeko. Albistea zabaldu du CNTtik hasita USO arteko sindikatu guztiek babesten duten El Diari del Treball hedabide katalanak. Bizikletazko banatzaileen eskubideak defenditzen dituen Ridersxderechos mugimenduko kideak ari omen dira kooperatibagintzan. 2018 hasieran martxan beharko lukeen elkartea osatzen ari dira bai oraindik bi konpainietan ari diren batzuk eta baita udako grebaren ostean Deliverook deskonektatutako mezulari batzuk. Neoliberalen zapo-hizkera berrian, langile bat ez dute kaleratzen, deskonektatu baizik. Deliverooren enkarguak egiten zituzten txirrindulariak konpainiari internetez lotutako langile autonomoak zirenez, konexioa eten eta kito. Kooperatibak azken finean lehengo enpresaren lan bera egingo duenez –orain langileak izanik beren buruen nagusi– bezeroak, jatetxeak eta banatzaileak internet bidez lotuko dituen aplikazioa behar zuen eta dagoenekoz prest omen daukate, funtsean orain arte ezaguna egin den negozio ereduari jarraituz: App hori eskuratzea aski da sistemari lotutako edozein jatetxeri enkargua pasa eta horren berri istantean jasoko duten mezularietako batek berehala jakia etxe atariraino ekartzeko. Orain artean konpainia handi batek jasotzen zuen etekinarekin jokatuko dute txirrindulariek bai lehiakorrak izateko eta bai beren lan baldintzak hobetzeko. Astean 20 ordugatik 400 euro kobratuz hasi nahiko lukete. Azken urteotan jakiak ez baina bestelako fardelen garraioa bizikletaz egiten duen Trevol kooperatibarekin ere elkarlanean aritzeko asmoa dute. Parisen ere antzeko proiektu bat eraiki nahian ari dira. Irailaren 20an, Frantzia osoan Emmanuel Macronen lan erreformaren aurka burutuko ziren mobilizazioen bezperan aurkeztu zuten publikoki Coopcycle proiektua, mahaian egon zirelarik bizikletazko mezulariak –tartean CLAP Parisko Mezulari Autonomoen Kolektiboaren sortzailea–, sindikalistak, ezkerreko politikariak eta prekaritzaren aurka ari diren jendeak. Bildutako 150 pertsonen aurrean eztabaidatu zuten langileei uberizazioak ekarri dizkien arrisku berriez. "Uberizazioa hedatzen baldin bada, langileen babes sistema osoa suntsiaraziko du" esan zen bertan, Fanny Dollberg kazetariak bildu duenez. Uber konpainiak izena eman dion eredu honek taxi, mezulari edo beste edozein zerbitzu burutzen dituztenak langile autonomotzat erabiltzen ditu, elkarren konkurrentzian jarrita haien babeserako sortutako edozein lege edo arau urratzeraino. Sakabanaturik biziraun behar duten beharginon zintzurra estutzeko edozerk du balio. Deliverook Parisko banatzaileei abuztuan jakinarazi zien ez ziela gehiago pagatuko orduka, egindako enkargu bakoitzeko baizik. Soilik horrekin mandatariek hilero beren soldataren  %30 galdu dezakete. Gainerakoan –Londresen CitySprint konpainia auzitara eraman zuela-eta ARGIAk urtarrilean plazaratutako kronikan azaldu zuenez– ez gaixotasun atsedenaldirik, ez langabezia eskubiderik, ez erretretarik. Horra XIX. mendea XXI.ean. Bilkuran Parisko Udalean zinegotzi ezkertiarra den Danielle Simmonetek esan zuenez , " uberizazioak suizidio kolektibo baten konplize egiten gaitu, hau kapitalismoaren 2.0 aroa da". Irabazle jarrera behar duzu Uberizazioak ez dirudi fite zimeltzeko lorea, munduan onddoen gisan ugaritzen dira lidergo ekintzaile neoliberaletan blai egindako enpresari-nahi gazteak eta horiek sortutako start-up distiratsuak. Bizi laburra dute askok. Joan den udan erori da –jaki azkarren bizikletazko banaketaren alorrean jarraitzeagatik– Espainian asko txundituta zeuzkan Jinn konpainia, gazte espainiarrek Londresen kokatua. Europan zabaldutako ordezkaritza guztiak itxi ditu uztailean, eta Londresen zeuzkan 120 langileetatik 20k bakarrik jarraitzen zuten udazkenean, Deliveroo erraldoiari konkurrentzia egiteko lehian hondoratuta. El Confidencial -ek egina du Jinnen ibilbidearen kronika. Start-up bat nola hasi, hazi eta amiltzen den ulertzeko zenbait pista ematen ditu, baina baita konpainia horietako lider ekintzaileen artean dagoen ideologiaren irudia osatu ere. "Pertsona bati orduka pagatzen badiozu, ez duzu motibatzen lana gogor egin dezan. Enkargu batean ordubete emango du, denborak ez baitio axola (...) Lanerako gogoa duenak dirua irabazten du. Gizakia genetikoki programatuta dago ahaleginean egoskortzeko, baina orduka kobratzen baduzu eta euria hasi, ez zara mugitzen. (...) Irabazle jarrera baldin baduzu ez zoaz manifestazioetara". Alegia, Jinnek bigunegi jokatzeagatik egin zuela porrot, Londresen ordainketa orduko 9,5 libratik enkarguko 7tara jaitsi zuelako, bitartean Deliverook  mezulariei jaitsi zienean orduko 8 libratik enkarguko 3,5eraino. Jinn izango zenaren lehen urratsak 2012an eman zituzten hiru gazte espainiarrek AEBetako Richmondeko unibertsitatean. Bidai partekatuetarako App batekin hasita, jo zuten start-upen azeleratzaile batengana, lehenbiziko finantziazio bila. Espezialista honek negozioaren ikuspegia aldarazi eta inbertsio berriak aurkitzen lagunduta, 2014rako 200.000 libra bilduak zeuzkaten. 2016ko martxoan iritsi ziren 20 milioiko inbertsioetaraino. Abuztuan dena joan zitzaien pikutara. Jaki azkarren banaketako konpainien artean, hainbeste handitze distiratsu eta porrot deigarriren azpian zein negozio eredu dagoen ikertu eta azaltzen saiatu da Corporate Watch, konpainia kapitalisten eragin sozial eta ingurumenezkoak aztertzen dituen elkartea. " Deliveroo, where is the money? " dossierrean erakutsi duenez, Deliveroo dirua galtzen ari da, eta asko: dena kontabilizaturik 129 milioi libra. Kontua da kapitalismoaren fase honetan Deliveroon 600 milioi inbertitu dutenek ez dutela bilatzen urteko etekina, bestelako aposturen batean irabaztea baino. Zer ote dago jokoan? Batetik, ea Deliveroo izango ote den gero eta zabalagoa den jaki sukaldatu berrien banaketan munduko nagusietarik, familiek etxean sukaldea gero eta gutxiago usatuko omen duten mundu batean; sukaldari eta jatetxeak ere uberizatzen hasi dira. Bestetik, ea jakien banaketaren oinarrian dagoen plataforma teknologikoa zabaldu ahal izango den bestelako banaketetara. Banatzaileek bezeroen bizimodu eta ohiturez bildutako informazio multzoak ere balio handia izango du etorkizunean. Casino Capitalism honetan, dirua inbertitu ez baina jokatzeko beste motibo bat.
news
argia-d772bea4a01f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/haurrek-halloween-ospatzeari-esker-jakin-dugu-gurean-ere-kalabazekin-jolasten-zutela-duela-ehun-urte.html
"Haurrek Halloween ospatzeari esker jakin dugu gurean ere kalabazekin jolasten zutela duela ehun urte"
Andoni Mikelarena
2017-11-05 00:00:00
"Haurrek Halloween ospatzeari esker jakin dugu gurean ere kalabazekin jolasten zutela duela ehun urte" Halloween ospatzera gonbidatu zutela esan zion alabak Jaime Altunari eta honek festara joaten utzi zion, baina deseroso sentitu zen. Altunak bere aitari kontatu zion gertaturikoa, eta honek erantzun, eurek ere ospatzen zutela halakorik. Fenomenoa ikertzen urte eta erdi eman dute Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek. Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen gaua, Halloween eta Gau Beltzaren haur ospakizunen ikerketa etnografikoa osatu berri dute, Eibarko Udalaren Juan Sanmartin bekari esker. Zenbaterainoko indarra du Halloweenek Euskal Herrian? Jaime Altuna: Euskal Herrian oso zabaldurik dago, batez ere komunikabideei esker. Lagunartean elkartzen dira haurrak, elkarrekin mozorrotu eta iluntzean eskean ateratzen dira. Etxeetan baino gehiago komertzio eta tabernetan eskatzen dute. Leku askotan ezezkoa jasotzen dute ordea.Talka dago heldu eta haurren artean. Gurean, zein da jatorrizko ospakizuna data horietan? Altuna: Ohartu gara azaroaren 1aren eta urriaren 31ren inguruan gauza ezberdinak ospatzen direla Euskal Herrian. Mugimendu bat badago gauza berriak sortzen eta garai bateko praktikak berreskuratzen ari dena. Josu Ozaita: Azaroaren 1ean, Arimen gaua da ospakizunetako bat. Mutrikun hasi ziren ospatzen 90eko hamarkadan eta herriko elkarte ezberdinek antolatzen zuten. Gaur egungo Arimen Gauaren aldean ordukoa gazteei begira zen. Gaztetxeak, tabernek parte hartzen zuten, gauean parranda egin ohi zen. Elgetan, haurrak Halloween ospatzen hasi ziren eta horren erreakzio modura sortu zuten helduek 2013. urtean Arimen Gaua. Polita da debekatu beharrean ospatzeko bide eman izana, haurrentzat ospakizun erakargarria baita. Lagunartean elkartzen dira, iluntasunean, eta haur batentzat lagunekin gauez ateratzen diren aurreneko esperientzia da. Mozorrotu egiten dira, emozio ezberdinak bizitzen dituzte... Kalabaza elementu zentraletako bat da. Euskaraz egin ohi dute jaia eta arimari garrantzi berezia ematen zaio. Kalabaza Halloweenekin lotzen dugu askotan, baina aspalditik datorren kontua da. Altuna: Kalabaza, arbia edo baratzean zegoena erabiltzen zuten garai batean, Europan oso zabaldua zegoen. Baratzeetan horrelakoak zeudenean hartu, kandelak jarri eta bidean zetorren jendea izutzea zen helburua, udazken partean egiten zen jolas moduko bat zen, ez festa bat. Ozaita: Landa eremuetan egiten zuten. Ez zegoen gaur egungo mugikortasunik eta horrelako jolasak asmatzen zituzten. Kalabazari buru-forma hartzen zioten eta horrekin jolasten zuten. Beldurra emateko, iluntasunean. Arimen Gauaren ordez Gau Beltza ere ospatu ohi dute zenbait lekutan. Altuna: Antzeko eskema dute. Arimen Gauean garrantzi handiagoa ematen diote arimari, heriotzari, eta Gau Beltzean berriz iluntasunari. Azken urteetan sortu diren jaiak dira, aitona amonek egiten zituzten zenbait erritu berreskuratu nahian, Halloweenen erreakzio modura. Eredu "amerikanoaren" aurka nolabait. Eibarren bi ereduen arteko talka topatu duzue. Batetik El Corte Inglés eta bestetik Arimen Gaua. Altuna: Haurrak identitate borroka baten erdian daude, festa eredu kapitalistaren eta horren aurrean antolatzen den erantzunaren artean. Ozaita: Lehen kalabaza buru-formako jostailu moduko bat zen, gaur egun ordea, kalabaza bat ikusten badugu, AEBak eta balio kontsumistak datozkigu burura. Nahiz eta biak berdinak diren, zer nolako aldaketa! Nafarroan berriz, eske erronda egiten dute. Altuna: Azaroaren 1ean Nafarroako herri batzuetan eske erronda egiten da arratsaldean. Herriko haurrak elkartzen dira eta eske erronda egiten dute neguko beste jai askotan egin ohi den moduan. Etxez etxe joaten dira, esamolde bat esan eta etxekoek intxaurrak, gaztainak edo gozokiak ematen dizkiete. Kristautasunak bereganatu zuen jai hau. Orain kapitalismoa ari al da horretan? Ozaita: Festak hasieratik izan du heriotzarekin lotura. VIII. mendean Eliza Katolikoak heriotzaren gaia hartu eta Santu Guztien eguna sortu zuen. Festa egun horren gainean berea indartzea zuen helburu. Altuna: Gaur egun kapitalismoaren eragina nabaria da, telebistan adibidez. Urrian jada haurrei zuzenduriko saioak Halloweenekin bonbardatzen dituzte. Merkataritza zentroetan dekorazioa, propaganda... Jolas-parke handiek gai hori ustiatzen dute. Ingeles akademien bidez ere oso zabalduta dago. Askotan uste ohi dugu festa kontsumista bat dela. Aldiz ohartu gara ez dela beste festak baino kontsumistagoa. Ozaita: Haurrek ospatzen duten Halloween ia batere dirurik gastatu gabe egiten dute. Inauterietako mozorroak aprobetxatzen dituzte edo gurasoen kamisetak moztu, aurpegia margotu eta hilea harrotzen dute askok soilik. Haurren ikuspegitik egin duzue ikerketa. Altuna: Ez zaigu gaizki iruditzen helduek horrelako festak antolatzea, baina uste dugu haurren parte-hartzea hasieratik bermatu behar dela. Hasieratik haurrei galdetu zer eta nola egin nahi duten. Ozaita: Gazteentzako festak helduek antolatzeak zentzu handirik ez duen bezala, haurrei ere entzun beharko litzaieke. Altuna: Halloween ospakizunik amerikarrenean ere oso gauza politak aurkitu ditugu. Arratsaldean geratzen dira, pelikula bat ikusten dute. Elkarrekin mozorrotu, kalera atera eta sustoak ematen dituzte. Haurrak subjektu pasibo gisa hartzen dira. Guk ordea,  elkarrizketetan aurkakoa jaso dugu. Haurrek eragindako fenomenoa da orduan? Ozaita: Eurak hasi dira ospatzen Halloween eta ia Euskal Herri guztira zabaldu da. Ekintza horren bidez jakin dugu duela 100 urte baino gehiago kalabazekin jolasten zutela. Horren ondorioz ari gara ikerketa egiten eta aldi berean elkarrizketa hau egiten. Gai asko mahai gainean jarri dituzte. Generoak ere eragiten al du jaian parte hartzeko moduan? Altuna: Bai. Generoen araberako praktika desberdinak ematen dira. Sustoak ematen zituztenak normalean mutilak ziren, zerbait maskulinoa zen eta gaur egun ere eskema hori errepikatzen da. Eta neskak beldur horren hartzaile gisa agertzen dira. Ozaita: El Corte Inglésen Halloween "Niños" eta Halloween "Niñas" atalak daude. Neskenak ponpoxotasuna erakusten du eta mutilenak maskarak, beldurra, heriotza. AEBetan instituzioek Halloween baliatu zuten komunitatea trinkotzeko. Hemen halakorik egin zen? Ozaita: Hemen bihurrikeri soil bat zen. Hala ere, orain antolatzen diren jaien helburuetako bat hori da. Gaur egungo ospakizunak Halloween aren oso antzeko ezaugarriak ditu. Balio eta identitateari beste ikuspegi bat ematen zaio, euskal mitologia... Plastikozko kalabazak erabili beharrean baratzekoak erabiltzea adibidez. Altuna: AEBetan, haien nazio identitatea eraikitzeko prozesuan zenbait elementu hartu zituzten, tartean Halloween. Zegoen kultura aniztasuna identitate kultural baten inguruan batzeko aitzakia izan zen. Euskal identitatea indartzeko ospakizun hau gureganatzea garrantzitsua da? Ozaita: Globalizazioarekin uste genuen ideia eta kultura guztiak homogeneizatu egingo zirela, baina ikusi da aldi berean lokalari garrantzia ematea ere eragin duela. Festa globala da, baina erreakzioa izan da bertakoari garrantzia ematea. Altuna: Eredu uniformeari alternatibak sortzea interesgarria da. Identitateari lotuta, hizkuntzak ere garrantzi berezia du. Altuna: Garrantzitsua da hori elementu zentral bat izatea. Sortzen diren forma alternatibo horiek askotan euskara elkarteetatik ari dira bultzatzen. Ozaita: Hiru hitzaldi emango ditugu eta hirurak euskara elkarteek antolatuak dira. Heriotzaren gaia jai hauen oinarrian dago. Nola bizi dugu gaia? Ozaita: Garai batean heriotza oso presente zegoen. Norbait hiltzen zenean etxean bertan egoten zen hildakoa. Jendea bertara joaten zen. Gaur egun ia inoiz ez da hildakorik ikusten. Landa eremuan animaliak hiltzen ikustea edo zerorrek hiltzea ere ohikoa zen. Altuna: Adinekoekin gaia lantzean esan digute eurek presente izaten zituztela hildakoak gaztetan. Asko kostatu zaigu haurrei horri buruz galdetzea, gu urduri jartzen ginelako. Festa hauetan heriotza elementu inportantea da eta zenbait taburen inguruan lanketa kolektibo bat egiteko baliagarriak izan daitezke.
news
argia-6c8720e6ed7b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/debbie-bookchin.html
"Naturarekin dugun harreman mota gizarteko harremanen isla da"
Lukas Barandiaran San Roman
2017-11-05 00:00:00
"Naturarekin dugun harreman mota gizarteko harremanen isla da" Ekologia sozialean aditua, bere aita Murray Bookchin ekologia sozialaren aitzindariaren The Next Revolution liburua argitaratu du. Kazetari lanetan ere ibilia, Bernie Sanders AEBetako politikariaren prentsa arduraduna izan da hiru urtez. Urrian Bilbon egindako Ekologia Sozialaren eta Udalgintza Libertarioaren II. jardunaldietan parte hartu zuen. Murray Bookchinek, zure aitak, instituzioen eta ingurumenaren krisiaz hitz egin zuen 80ko hamarkadan. Nola eboluzionatu du krisi horrek? Okerrera. Neoliberalismoa denera zabaldu da, eta demokraziaren krisia ere bizi dugu, osagaiz osagai desagertzen ari da. Konfiantza galera horrek oinarrizko arrazoi bat du: instituzio horiek ez dituzte jendearen beharrizanak asetzen. Birmoldatu behar ditugu, baina horretarako ez da nahikoa politikari aurrerakoiak bozkatzea: estatu mailako instituzioen boterea maila lokalera ekarri behar dugu. Komunitateek kontrolatu behar dituzte beren erabakiak, batzar eta aurrez aurreko elkarrizketen bidez. Bestalde, ingurumena sufritzen ari da, guk ustiatu dezakegun zerbait bezala tratatzen dugun heinean. Nire aitak atera zuen ondorioetako bat zen ezin dugula ingurumen krisia konpondu harreman sozialen krisia konpondu gabe, menperatze eta hierarkia harremanak gainditu gabe. Nola lotzen dira bi krisi horiek? Ingurumen krisiaren arrazoia kapitalismoaren hazi-ala-hil etika da; baliabideak ustiatzen, ekoizten eta kontsumitzen jarraitu behar du. Estatuak kapitalismoa sostengatzeko existitzen dira, eta estatuek bermatzen dute jendeak bere ideiak adierazteko ahalmen gutxi edukitzea. Hautetsontziak jendea ahaldundu dadin ekiditeko oztopo gaindiezinak dira. Natura gizakiarentzat eredu dela diozue. Eredu ekologikoa gizarte eredu egokia litzakeela zioen nire aitak. Sistema ekologikoak egonkorragoak dira aniztasuna dutenean, osagarritasun-harremanek osatzen dituztenean. Gizakien sistemetarako ere egokia da eredu hori, hobeto funtzionatzen dute. Aniztasunean batasuna: jendearen askotariko dohain eta beharrak elkarrekin jokatzen hasten direnean oreka sortzen da. Printzipio horiek gizartera eramatea proposatzen duzue. Nola? Politika garden eta ez hierarkikoak garatu behar ditugu, eta printzipio horiek ere ekologiatik datoz. Gizartearen paradigmak ezin du izan ekonomikoa. Zein da gizakiaren ondasun nagusia? Ziur ez dela ustiaketa edo neurrigabeko garapena. Askatasuna eta sormena bultzatzen dituen gizartea behar dugu. Esaterako, jendeak lehoia izan du naturako izaki nagusitzat, gizakien hierarkiaren errepresentazioa egiten ari da, hierarkia naturalizatzen ari da, eta naturan ez dago hierarkiarik. Dena elkarrekin konektatuta dago ekosistema osasuntsuetan, eta gizartean ere hierarkia eta menperatzeak alboratu behar ditugu. Zein lotura eduki behar du gizakiak naturarekin? Naturarekiko harremana eraldatzeko guztiz berrantolatu behar dugu gizartea. Egun naturarekin dugun harreman mota gure gizarteko harremanen isla besterik ez da. Nire aitak ekologia oinarri politiko gisa aldarrikatzen zuenean, ez zen mugatzen baso baten mozketaren edo kutsaduraren kontra protestatzera; inguruarekin dugun harremana kapitalismoak zeharkatzen du alderik alde. Berdintasunez jokatu behar dugula aldarrikatuz, ingurumenarekin ere berdintasunez jokatu behar dugula aldarrikatu zuen. Zein ekonomia edo teknologia mota proposatzen duzue? Ez dut uste teknologiak bere horretan balio onik edo txarrik daukanik, gizakiak modu on batean edo txar batean erabil dezake. Zertarako erabiliko dugu teknologia, natura eta gizakiak ustiatzeko ala gure bizitzak hobetzeko? Bestalde, ezinbestekoa da ekonomia morala, lurraren eta energiaren erabilera ekologikoan oinarritutakoa. Baina ekonomia hori lortzeko gizarte morala eduki behar da, eta horretarako ezinbestekoa da pertsonak bere komunitateko erabakietan parte-hartzaile aktiboak izatea. Ekonomia mota hori ezinbestekoa da udalgintza edo komunagintza libertarioan. Gizarte antolaketa eredu zehatz bat proposatzen duzue? Boterea beti egongo dela ulertu behar dugu, baina gakoa da botere hori nork edukiko duen. Goi-mandatarien bulegoetan egongo da boterea, nahiz eta haiek esan aurrerakoiak direla? Erantzun bakarra da boterea berriz ere maila lokalera ekartzea. Botere guztia hartzen duen eredu sobietikoaren eta botere orori uko egiten dion eredu anarkistaren artean bada hirugarren aukera bat. Hori da Rojavan (Kurdistan), Chiapasen eta beste udalgintza mugimendu erradikal batzuetan gertatzen ari dena. Maila lokaleko proiektuak abiaraziz jendeak beren bizitzen gaineko boterea eskuratzen du. Ezinbestekoa da etorkizun demokratikoago bat nahi badugu. Ba al duzu antolaketa mota hori erabiltzen duen adibide zehatzik? Zirraragarria izan da Rojavan nire aitaren ideiak indarrean jarri dituztela ikustea. Abdullah Öçalanek gidatuta garatu dute politika hori, eta aitak eragin handia eduki zuen harengan. Konfederalismo demokratiko deitu duten ideologiaren barruan, auzo, herri eta komunitate bakoitzak bere gobernua aukeratzen du, eta horiek federatuz eskualdeko gobernua osatzen dute; federatzea oso garrantzitsua izan zen nire aitarentzat, ez daitezen herri isolatu bilakatu. Bilkura horietan erabaki ekonomikoak ere hartzen dituzte, proiektu hau martxan jarri edo baliabide horiek erabili, ekonomia pertsonen beharren zerbitzura jarriz. Horixe da ekonomia morala.
news
argia-829527cbc1d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2573/fakeak.html
Fakeak
Leire Narbaiza Arizmendi
2017-11-05 00:00:00
Fakeak Argazki bat ikusi dut Twitterren: Bilboko udaletxe aurrea jendez lepo, baita zubia ere. Idatzita du euskaldunon protesta dela 155. artikulua aplikatzearen kontra. Baina erretratuko jende oldean kolore bat nagusitzen da, gorria. Bitxia. Era berean, egun horretan eguraldi tristea egin zuen. Fotoan, ostera, eguzkitsu dago. Fakea da, faltsutze bat, alegia. Argitu digute Athleticen ospakizun batekoa dela. Halako asko zabaltzen dira sare sozialetan, borondate txarrez ia beti. Manipulazio galanta, erraz irensten duguna, astirik hartzen ez dugulako jatorria non duen ziurtatzen. Ia beti, datsegit batek, edota bertxioek askoz gehiago arduratzen gaituztelako. Azkar klikatu, ahalik eta gehien zabal dadin. Sare sozialek informazioa kontsumitzeko modu hau ere bultzatzen dute. Dena bizkor, dena bat-batean, arin eta atseden barik. Ez dago astirik ezer berresteko, informazio kopurua, osotara, irentsi ezina delako. Engainatu egiten gaituzte. Edo, hobe esanda, engaina errazak garenez, esku-eskura jartzen diegu aukera faltsutzaile hauei. Baina benetako galdera da zergatik argitaratzen dituzten iruzurgileek fakeak : loriazko 15 minutuak izateko. Nartzisismoak besterik ezin du azaldu erridikulu hau.
news
argia-7efdb2163f39
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/erritmoa-eta-emozioa.html
Erritmoa eta emozioa
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-02-04 00:00:00
Erritmoa eta emozioa Orokorrean, atentzio handiena deitzen didana opera batean alderdi musikala da, dudarik gabe. Baina ez zaigu ahaztu behar (ez zait ahaztu behar, hobeto esanda), opera "espektakulu osoa" kontsideratzen dela, hau da, antzerkia, musika, fantasia… Honekin guztiarekin koktelera batetik ateratako ikuskizuna dela opera. Horrexegatik, abeslari onak aurkitzen ditugunean, orkestra doi batekin, zuzendari adimentsu baten zuzendaritzapean, eta horrez gain eszena zuzendaritza aparta disfrutatzen dugunean, orduan beste dimentsio batean aurkitzen gara. Hauxe izan zen aldi honetan topatu genuena Euskalduna Jauregian. OLBEren denboraldi honetako hirugarren titulua dugu Masseneten Manon opera, eta benetako gutizia suertatu zen. Arrazoi garrantzitsuena: Arnaud Bernard eszena zuzendariak eta Alessandro Camera eszenografoak emandako ikuspegi arina baina ez azalekoa, abeslariak ezin hobeki zuzenduz eta eszenatokiko baliabide sinple eta aldi berean originalak erabiliz. Batzuetan musikak eta letrak adierazi nahi duten sakontasun eta emozioa ez dira behar bezala iristen ikus-baliabide egokiak erabiltzen ez badira. Manon honetan sentitu genuen pertsonaien bakardadea jendearen artean, protagonisten kontraesanak, bakoitzaren ilusioak eta desilusioak, pentsamenduak… Eta ez musikaren bidez bakarrik, baizik eta eszenatokian azaltzen ziren gune isolatuen bidez ere bai, eta batez ere pertsonaien interpretazio nolabait espresionistei esker. Halere, kontuz!, ez dezagun pentsatu alderdi musikala makala izan zela, ezta pentsatu ere. Bakarlari guztiak primeran aritu ziren, eta baten batek txunditu egin zituen entzuleak. Michael Fabiano tenore estatubatuarrak Chevalier des Grieux zoragarria egin zuen. Ahots garbia azaldu zuen, ausardiaz abestu zuen uneoro, bere onena emanez, eta pasarte hunkigarriak oparitu zituen Je suis seul edo Ah, fuyez douce image arietan bezala. Irina Lungu soprano moldaviarrak ere Manon ederra eskaini zuen, samurra, zalantzak zituena. Aria distiratsuak abestu zituen. Adieu, notre petite table edo bigarren ekitaldian Des Grieux-ekin egindako duoa azpimarratuko nituzke. Aktuazio ona egin zuen baita ere Roberto Tagliavini baxuak, taxuzko Comte des Grieux eginez. Verum Orkestra Sinfonikoari buruz, eta batez ere Alain Guingal zuzendariari buruz gauza onak besterik ezin dira esan. Ederki azpimarratu zituzten ahotsak, dotoreki, bolumen justuak eginez. Eta Bilboko Operaren Abesbatza, Boris Dujin-en zuzendaritzapean, ongi aritu zen, doitasunez. Txalokada izugarriak jaso zituzten. Merezita.
news
argia-480f710a7da3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/joxe-lacalle-argazkilaria.html
"Gaur balitz, orduko argazkiengatik kartzelan nengoke"
Reyes Ilintxeta
2018-02-04 00:00:00
"Gaur balitz, orduko argazkiengatik kartzelan nengoke" Mototsa, txalekoa eta zigarroa ezpainetan. Beti umoretsu eta irribarretsu. Beti barrikadako jendearengandik gertu. Gerrako argazkilaria etxean bertan, gatazka gogorrenen garaian. Aspalditik Jarauta kaleari lotuta, baina Etxaurikoa zara? Bai eta Etxaurin bizi izan nintzen 12 urte bete arte. Orduan Iruñera etorri eta gurasoek Jarautako Lacalle taberna zabaldu zuten. 14 urterekin hasi nintzen lanean guraso eta anai-arrebekin tabernan. Goizean lan eta arratsaldean ikasi. Eta argazkilaritzarekin nola zaletu zinen? Kale Nagusian drogeria bateko nagusia zen Nicolas Ardanazekin hasi nintzen. Berarekin ikasi nuen zertan datzan arte hori, argazkiak errebelatzen, positibatzen eta nolakoa den prozesu osoa. Posta bidezko ikastaroak ere egin nituen eta nire lehen kamerarekin, Zenit astun horietako batekin, poliki-poliki trebatzen hasi nintzen. Nire lehen lan profesionala 1976an izan zen Herce argazkilariekin. Herrietako jaietara joaten ginen kartoizko zezen eta zaldi batekin jendeak erretratua egin zezan. Imajina ezazu ni bezalako gaztetxo mengel batentzat zer zen hura! Mendialdeko herrietan nahiko ongi, baina Erriberan zezena eta zaldia apain-orrazi gisa jartzen zituzten. Argazkiak egin, Iruñean errebelatu eta berriro herrietara joaten ginen banatzera. Ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak egiten ere hasi nintzen. Prentsara, Egin -era, nola iritsi zinen? Egin zabaldu baino lehen sostengu kanpaina handi bat egin zen eta guk tabernan parte hartu genuen dirua biltzen. 80ko hamarkadaren hasieran hasi nintzen kolaborazio puntualak egiten eta gero lan taldean sartu nintzen 1988an, 1998an itxi zuten arte. Euskaldunon Egunkaria -rako eta ARGIA-rako ere lan askotxo egin izan ditut urtetan. Antsoaingo koartel ondoan antimilitarista (1988). Argazkia: Joxe Lacalle. Bai tabernan bai argazkilari lanetan jazarpena pairatu behar izan duzu etengabe. Bai, hala da. 74an emaztea eta biok hartu genuen tabernaren ardura eta han ginela jaio ziren gure lau seme-alabak. Oso taberna bizia zen. Francoren garaiaren bukaeran giroa bor-bor zegoen eta han abertzale asko biltzen zen. 1976an hiru metroko ikurrina handi bat jarri nuen, Ceferina Fontellas, Abarzuza liburu-dendako nagusiak, bi egunetan josi zuena. Ederki ordainarazi zidaten gero. Berehala hasi ziren mehatxuak, erasoak, jipoiak… batzuetan uniformedunak ziren eta besteetan Kristo Erregearen gerrillariak eta enparauak, baina, zalantzarik gabe, gogorrena izan zen 1979ko martxoaren 27an tabernako komunean jarri ziguten lehergailua. Gutxigatik ez ginen hil emaztea, gure bi seme-alaba zaharrenak eta laurok. Gizon arraro samar bat sartu zen tabernan, bi gorri gaseosarekin hartu eta komunera joan zen poltsa batekin. Handik aterata korrika joan zen bederatzi pezetako buelta jaso gabe. Dena oso arraroa. Zisterna tantaka sumatu nuenez joan nitzen ikustera zer gertatzen zen eta han aurkitu nuen bonba lehertzeko prest. Eskerrak kable batzuk bistan zeuden eta horregatik ez nuen ukitu, bestela… Handik aterarazi nuen jende guztia. Lehergailu-teknikariak deitu eta bi ordu kostatu zitzaien etortzea. Bonba indargabetzerakoan kristoren danbatekoa jo zuen eta polizia bat kaleko aurreko hormaren kontra bidali zuen. Ikaragarria izan zen. Oso gaizki pasa genuen, baina horren ondoren etorri ziren jendearen elkartasuna eta laguntza ez ditut inoiz ahaztuko. Auzo lagunak, bezeroak, jende pila… aritu ziren auzolanean taberna konpontzen eta dirua biltzen berriz irekitzeko. Bi hilabete eman zuten lanean gelditu gabe. Zabaldu genuen egunean izugarrizko festa egin genuen. Jarauta kalean ehunka eta ehunka pertsona elkartu zen, txaranga eta musikari pila eta beste tabernetako zerbitzari asko etorri ziren, haien jantzi dotoreenekin laguntzera. Oso hunkigarria benetan. Kasua, noski, ez zuten batere ikertu eta hor gelditu zen eta gainera Guardia Zibilek irri egiten zidaten. Esaten zidaten, "zure tabernan nola ez dituzte bada lehergailuak jarriko hor dabilen jendea kontuan hartuta". Eta handik gutxira Carabanchelera? Bai. Erasoek eta mehatxuek jarraitu, eta bakerik ez. Handik bi urtera, 1981ean, atxilotu ninduten banda armatuaren laguntzaile izatea leporatuta. Oso gaizki pasa nuen. Guardia Zibilaren kuartelean eduki ninduten bederatzi egunez eta denetik egin zidaten: jipoiak bata bestearen ondoren, gauean kanpora atera burua estalita eta pistola bat buruan jartzen zidaten mota guztietako mehatxuak eginez… Niri eta nire familiari egin behar zigutena mila bider errepikatzen zidaten. Oso gaizki pasatzen da. Tortura psikikoa fisikoa baino gogorragoa zen. Lehenbiziko bi ostiak hartu ondoren akaso hurrengoak gutxiago nabaritzen dituzu, baina psikikoa etsigarria da oso. Handik Carabanchelera eraman ninduten. Saiatu nintzen salaketa jartzen eta epaileari erakutsi nion nola nituen hankak eta barrabilak ubelduz beteak, baina esan zidan auto istripu baten ondorioa izan zitekeela, eta ez zidan salaketa onartu. Kartzelara bidali nindutenean pentsatu nuen horrela behintzat atsedena hartuko nuela behingoz. Urtebete eman nuen han eta kasik bazeuden nire ezagun gehiago barruan hemen kanpoan baino. Tabernatik pasatzen zen jende asko zegoen. Intsumisoen protesta batean kaleko jantzitako polizia pistola aterata (1993). Argazkia: Joxe Lacalle. Zer leporatzen zizuten, zehazki? Beste taberna batera bazkaltzera joaten ziren poliziak nire tabernatik kontrolatzen nituela zioten, baina hori ezinezkoa da ez delako ikusten, izkina hartu eta harago gelditzen delako. Hori frogatu zuen abokatuak eta azkenean urtebete kartzelan eginda atera nintzen.  Tabernara itzuli nintzen, baina argi ikusi genuen han eta horrela ezin genuela bizi. Asteburu oro sartzen zen polizia taberna hustera. Guzti-guztietan. Erasoak eta jazarpena etengabeak ziren, eta horretaz guztiaz gain, Alde Zaharrean heroina pila zegoen eta ez zegoen modurik han lau haur txikirekin bizitzeko. 80ko hamarkadan oso zaila zen Alde Zaharrean bizitzea. Beraz, Egin -en hasi nintzen lanean, taberna itxi eta Zizurrera joan ginen bizitzera.   Eta argazkilaria beti gatazken lehen lerroan? Bai, hala da. Aranguren ibarrean egin nahi zuten zabortegiaren aurkako mobilizazioetan egon nintzen, Leitzarango autobidearen aurkakoetan, Itoitzen, Euskal Jai gaztetxean, intsumiso eta emakumeen aldarrikapenetan, euskararen aldekoetan… Eta beti arazoak poliziekin. Askotan jo naute eta gero argazki karreteak kendu eta belatu egin dizkidate. Beste batzuetan, aldiz, ni azkarrago ibili naiz eta lortu dut karreteak salbatzea ezkutuan atereaz edo beste pertsona batzuen laguntzaz. Behin, adibidez, Irurtzun-Andoaingo autobidearen kontrako protesta batean tiroka hasi zen Guardia Zibila eta nik argazki pila egin nuen. Ikusi nuenean patrol bat nigana zetorrela, lortu nuen karretea ateratzea eta bere ordez beste berri bat jarri nuen kameran. Betea zegoena galtzontzilloetan ezkutatu nuen eta guardiak iritsi zirenean, batere identifikaziorik eskatu gabe, kamerako karretea kendu eta belatu egin zuten esanez: "Tori, bihar Egin-en argitaratu dezazun". Hala egin nuen bai, hurrengo egunean argazki guztiak atera ziren. Salaketa jarri nuen Argazkilarien Elkartearen bitartez eta harrez geroztik autobidearen mobilizazioetan ez zidaten pasatzen uzten lehen lerrora argazkiak egitera. Beti guardia batzuk nituen aldamenean.  Baina beti ez dut hainbesteko zorterik izan. Behin baziren polizia batzuk hiru gazteri kristoren jipoia ematen Karmen kalean, poliziak tiro batez akabatu zuen Mikel Castilloren monolitoaren aldamenean. Argazkiak egiten ari nintzen eta konturatu gabe hiru polizia etorri zitzaizkidan, kamera kendu, karreteak belatu, eta izugarrizko kolpe mordoa eman zidaten. Ia konorterik gabe gelditu nintzen lurrean botata eta eskerrak auzo lagun bat etorri eta bere etxera eraman ninduen. Zein izan da ikusi duzun kargarik basatiena? Arangurenen. Adineko jende asko zegoen eserita, errepidea ixten, eta polizia bi metrotara hasi zen pilotak botatzen. Bi metro baizik ez! Jendea odoletan, lurrean… Beste egun batean intsumisioaren protesta batean Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean karga gogor bat egin zuten eta argazkilariok ere jaso genuen kolpe pila. EFEko argazkilariari besoa apurtu zioten eta ez zegoen modurik ospitalera eramateko. Oso gaizki pasa dugu askotan. Iruñeko San Lorenzo kalean istiluak (1996). Argazkia: Joxe Lacalle. Pasadizo pila izanen duzu… Askotan esaten zidaten ni hor egotea zerbait gertatuko zenaren seinale zela. Eta batzuetan nazkatu egin ninduen kontu horrek. Behin Diputazio parera iritsi nintzen prentsaurreko arrunt batera joateko eta foruzain bat hasi zitzaidan potroak ukitzen betiko lelo horrekin. Orduan erantzun nion: "A, ez dakizu? Hemendik hogei bat minutura agertuko dira Itoizko solidario guztiak kateatzera", eta prentsaurrekoa egitera igo nintzen. Handik jaitsi eta aurkitu nuen espaloi osoa foruzain "beltzez", berezi horietakoez, beteta. Alde egin nuen. Handik aurrera jada foruzain horrek ez zidan gehiago galdetu. Intsumisoek, aldiz, beti esaten zuten "Joxe hemen egonda, lasaiago gaude" eta Itoizko solidarioek " jodido paparazzi " esaten zidaten txantxetan. Poliziek, aldiz, "mototsdun putakumea" deitzen zidaten. "Kontuz, hemen dago mototsdun putakumea argazkiak egiten. Kontuz egiten duzuenarekin", hori esaten zuten hasieran, baina gero tentsioak gainezka egiten zuenean, ostia zaparrada hasten zen eta akabo dena. Batzuetan poliziek aurpegia ez ateratzeko eskatzen ziguten argazkilarioi eta nik esaten nien agertu nahi ez bazuten hobe zutela aurpegia estaltzea. Ni ez nator zure aurpegia ateratzera, baina ez naiz ibiliko aurpegiak banan-banan estaltzen, esaten nien. Arangurenen, adibidez, hori gertatu zitzaidan eta hurrengo egunean guardia zibilak aurpegia estalita etorri ziren. Zergatik utzi zenuen lanbidea? Egin ixtea makilada handia izan zen. Beste komunikabide batzuetan kolaborazioak egin nituen, oso gustura, baina ondoren eratu zen Argazki Press agentzia eta ni ez nintzenez sartu gero eta lan gutxiago neukan. Gainera berehala zintzilikatzen dizkizute etiketak. Horrela ezin jarraitu eta ostalaritzara itzuli nintzen. Orain nahi ditudan argazkiak egiten ditut. Mozal Legeaz zein iritzi duzu? Lanbide honetan, eta gizartean oro har, teknikoki aurrera egin dugu, baina askatasunean atzera. Izugarri gainera. Alde batetik, orain askoz mugimendu gutxiago dago kalean, eta ez beharrik ez dagoelako, baizik eta jendea etxean gelditzen delako lana galtzearen beldurrez, imajinatzen dut. Beste aldetik, askoz zailagoa da gaur egun lan egitea Mozal Legearekin. Nik egin ditudan argazkietako asko gaur egun pentsaezinak lirateke. Gaur balitz, argazki horiengatik kartzelan nengoke. Seguru, isuna ez nukeelako inola ere ordainduko.   Gazteluko plaza jendez beteta sexu erasoen aurkako elkarretaratzean (2016). Argazkia: Joxe Lacalle. Gaur egungo prentsako argazkilaritza nolakoa da, zure ustez? Oso monotonoa. Prentsaurrekoak aspergarri samarrak izaten dira beti. Bestalde, gaur egun intrusismo izugarria dagoela salatu behar da, nire iritziz. Jende asko ari da denbora guztian argazkiak eta bideoak toki guztietara bidaltzen, bere izena komunikabideetan ikusteko baino ez, eta egunkari eta aldizkariek dena hartzen dute. Sartzen dira baita sartu behar ez dutenean ere, muturreko irudien bila. Horren ondorioz gaur egun komunikabide askok jada ez dute langilerik kontratatu nahi, soilik freelancer -en lan zehatzekin eta doan iristen zaienarekin betetzen dituzte orrialdeak. Zenbat eta morbo handiagoa izan, orduan eta hobeki. Horren aurkakoa naiz. Behin lan istripuz hil zen langile baten argazkia egin nuen. Izugarria. Ez nuen publikatu nahi izan. Orain, urte mordoa pasata, liburuan jarri dut. Biescaseko kanpineko ezbeharrean edo Uharteko tren istripu izugarri hartan ere izan nintzen, baina ez nuen pertsonen argazkirik atera nahi izan. Beste batzuk eskrupulu gutxiago dute. Ezagutu nuen hemengo egunkari batean ari zen argazkilari bat DYAkoa zena. Istripuen berri izaten zuen inork baino lehenago, motorrean joaten zen eta anbulantzia baino lehenago iritsi. Kontatzen zuen behin baino gehiagotan hara heldu eta gorpuak eta zaurituak mugitzen zituela berak nahi zituen argazkiak egiteko. Nik esan nion ez zela argazkilaria, putakume nazkagarria baizik! Orain morbo hori guztia normaltzat hartzen da. Nola sortu zen liburua egitearen ideia? Jendeak askotan esaten zidan ea noiz egin behar nuen erakusketa edo horrelako zerbait gordeta neuzkan argazki berezi horiekin guztiekin, baina nik nahiago nuen erretiroa hartu ondoren liburu bat egin. Nire azken lana ostalaritzan egin nuen eta erretiratu nintzenean eskaner on bat oparitu zidaten. Negatiboak eskaneatzen hasi nintzen. Txalaparta argitaletxekoengana jo nuen nire proiektuarekin eta berehala hasi ginen lanean. Eskerrak eman behar dizkiot bereziki Mikel Sotori bera izan delako hori dena ordenean jarri duena. Zer argazki eginen zenuke gustura? Ai ama! Bada, Nafarroako alderdi politiko guztiak bat eginda aldarrikatzen hau ere Euskal Herria dela, beste euskal probintziekin batera. Argazkia: Dani Blanco.
news
argia-ab87ab40442a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/eric-toussaint-zorrak-astinduz.html
"Euroeremutik ateratzea ez dut baztertzen, egoera kontrolagarria da"
Xabier Letona
2018-02-04 00:00:00
"Euroeremutik ateratzea ez dut baztertzen, egoera kontrolagarria da" Nafarroako Legebiltzarrean egon da Parlamentu Sozialak ekarrita, eta aholkatu dio Nafarroako Gobernuari ez dezala zor ilegitimoa ordaindu. Greziakoari ere hori aholkatu zion lehenago, eta Ekuadorrekoari eta beste hainbati. Zorraren gaiaren mundu mailako aditu garrantzitsuenetakoa da aktibista belgiarra. Liburu ugari idatzi ditu gaiaz. Samurra al da zor ilegitimoa identifikatzea? Oso samurra. Zor hori kontratatu da gutxiengo pribilegiatu baten interesak asetzeko: bankuen erreskatera bideratutako zorra, aberatsei egindako opari fiskalak, 'elefante zuriak' eraikuntza enpresentzat, ustelkeria bidez kontratatutako enpresak… Etengabe esaten zaigu krisitik ateratzen ari garela edo atera garela. Hala da? Ez, jakina. Europako Banku Zentrala (EBZ) 2 bilioi euro ari da sartzen banku pribatuetan eta, aldi berean, 1,5 bilioi euro gastatu ditu titulu subiranoak erosten; horrek interes tasak jaisten ditu estatuentzat. Emaitza? Badirudi krisitik ateratzen ari garela, baina hori ez dago oinarrituta ekonomiaren egiazko hobekuntzan. Zor publikoari aurre egin nahi dioten gobernuei aholkatzen diezun lehen puntua da Europar Batasunaren irizpideak desobeditzea. Horrek esan nahi du EBtik ateratzea edo EBk kanporatzea. Desobeditzeak ez du esan nahi berehalako kanporatzea. Espainia moduko estatu batean, adibidez, negoziazio ahalmen garrantzitsua luke… zeresanik ez Frantziak edo Italiak. Horrez gain, ez dut baztertzen euroeremutik ateratzea, eztabaidatu behar da horri buruz, ez du hondamendia esan nahi, egoera kontrolagarria da. Edozein modutan, dagoeneko ez da hainbeste entzuten zor publikoarena, are gutxiago ez ordaintzearena. Bai, egia da. Interes apalak medio, gobernuek lortzen dute beren zorra finantzatzea arazorik gabe, baina egoera aldatu egingo da, EBZk zor publikoaren erosketa gutxituko duelako eta interes tasa igoko duelako. Horrek estatuenganako presioa handituko du eta iritzi publikoaren arreta piztuko du berriz ere. Horregatik ari gara lanean gogor orain, egoera hori aurreikusten dugulako. Estatuen zor publikoaren egoera zein da? Oro har, etengabe gora doa. Zergetatik biltzen dena gutxitzen bada, nonbaiten bilatu behar da finantzazioa. 2008an Greziaren zor publikoa bere BPGaren %100a zen, gaur egun %175. Erreskateak tranpa bat dira? Jakina. Funtsean, Grezia erreskatatzeko plana, EBko ekonomia indartsuenetako bankuak erreskatatzeko plana zelako. Euroaren lehen hamar urteetan diru fluxu handia egon zen herrialde aberatsenetatik periferiakoetara eta gero hori itzuli behar izan da. Alexis Tsiprasek –Syrizak– EBrekin negoziatu zuen, nahiz eta zorra ez ordaintzeko erreferenduma %61,5arekin irabazi zuen. Zer gertatu zen? Tsiprasek ez zien aurre egin hartzekodunei ezta bere herrialdeko klase nagusiei ere, beraz, traizio egin zion bere herriari. Tsiprasek erabakia zuen itsas industriako jabeei eta eliza ortodoxoari ez aurre egitea. Syrizak dio bestela EBtik kanporatuko zutela. Grezia prestatuta zegoen horretarako? Hori prestatzea zen bere lana. Zure herriari eraso egiten badiote, zuk ezin duzu hori defentsarik gabe utzi. Hala ere, gaia ez zen EBtik ateratzea ala ez, zorra ordaintzea ala ez baino. Tsiprasek zor ilegitimoa ordaintzea erabaki zuen. Zuk esan duzu Tsiprasek erreferenduma deitu zuela pentsatuz galdu egingo zuela. Zergatik uste duzu hori? Hainbat zantzu ditudalako. Tsiprasen aholkulari batekin oso kontaktu estua nuen eta hark kanpainan bidaltzen zizkidan mezuak esanez galdu egin behar zutela. Nik esaten nien oso kanpaina txarra egiten ari zirela, egiazki mobilizatu gabe, baina hala ere jendeak ezezkoa bozkatuko zuela. Beste zantzu bat: nik oso estuan egiten nuen lan Greziako Legebiltzarreko lehendakariarekin, eta erreferendumaren gauean,  jakinik jada irabazi zutela, bera joan zen lehen ministroaren bulegora eta, Tsipras eta bere aholkularia erabat triste zeuden. Hurrengo egunean bildu ziren zorra ordaintzearen aldekoekin, berau nola ordaindu adosteko. Tsiprasek dena zuen prest galtzeko eta oposizioarekin eta EBrekin negoziatzeko, eta bere gidoiarekin jarraitu zuen. Alderdi eraldatzaileek sarri ematen dute amore instituzioetara heltzean. Zergatik? Ez direlako aldaketarako prestatzen. Gatazkan eta desobedientzian sartu behar dira eta hori egin beharrean, beren burua sare instituzionalean harrapatzen uzten dute. Podemosekin gertatzen ari da Espainian, baina nolabait Bildurekin ere gertatu zen Gipuzkoan. Autonomia fiskala izanda, esaterako, esparru fiskalean neurri zorrotzagoak hartu behar zituen. CUPi ere antzekoa gertatu zaio: honen oso zalea naiz, baina larrutik ordaindu du beste bi alderdi independentista neoliberalekin egindako ituna. Ez naiz ni bakarrik hau dioena, alderdi horietako militante askok berdin pentsatzen dute eta eztabaidatu behar da horretaz. Zer egin behar da hori gerta ez dadin? Bat, ondo prestatu, jakin estatuetako gobernuei aurre egin behar zaiela, eta bertako klase nagusiei ere bai. Bi, giltzarri da alderdietako koadro guztiak instituzioetan ez sartzea, eta alderdiko kuadro horiek eta militanteak kalean mobilizatzea gobernuari presio egiteko. Instituzio eraldatzaileen eta herritarren mobilizazioen arteko elkarlan estua ezinbestekoa da. Éric Toussaint Laura Pérez Ahal Duguko parlamentariarekin Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. Parlamentu Sozialaren ekimenez, Toussaint Perezek zuzentzen duen Legebiltzarreko Zorraren lan batzordean izan zen urtarrilaren 24an. (Arg. X. Letona).
news
argia-d6aa3e4bed61
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/bake-prozesua-ipar-euskal-herrian.html
Denborarekin sendotu eta zabaldu den elkarlanaren gakoak
Jenofa Berhokoirigoin
2018-02-04 00:00:00
Denborarekin sendotu eta zabaldu den elkarlanaren gakoak Bake prozesuaren aldarriak Ipar Euskal Herrian daukan sostengu zabalari xeheki begiratuz gero, ohartzen gara sustrai bat baino gehiago dagoela oinarrian eta guztiak direla kontutan hartzekoak. 90eko hamarkadan hasi eta 2000ko hamarkadan sendotu egin dira abertzale eta abertzale ez direnen arteko elkarlanak, lurralde antolaketatik hasirik, geroz eta politikoagoak diren esparruetara hedatuz. Hamaika aldaketak ahalbidetu du gaur egun begibistakoa den elkarlanerako gaitasuna. Kasik ohitzen hasiak gara gatazka politikoaren konponketaren aldarriak Ipar Euskal Herrian biltzen duen sostengu zabal eta anitzarekin. Euskal preso politikoen alde Parisen egindako manifestazioaren lehen lerroan plazaratu zen beste behin ere iazko abenduaren 9an: Frantziako Parlamentuan dauden Euskal Herriko diputatuak eta Lucien Bedbeder Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea hor ziren, besteak beste. Tendentzia politiko guztiak elkarren ondoan, abertzaleak eta ez-abertzaleak elkarren ondoan. Azken hamarkada honetan, horrela eramanak dira bake prozesuaren, ezagupen instituzionalaren edota hein txikiago batean euskararen ezagupenaren gaiak. Alta, batasun hau berria da eta berriki arte ezin irudikatua genuen. Batez ere gatazkaren konponketaren inguruan dagoen elkarlana. Aldaketa andana baten juntatzeak ekarri du begi bistan daukagun aldaketa potolo hau. Bere burua frantziar errepublikanotzat daukan Max Brisson senatari eskuindarraren azalpenak interesgarriak dira egoera ulertzeko. 2001eko urriaren 17ko Aieteko Adierazpenak finkatu bide-orria gauzarazten dabilen gizonak, iraganean diskurtso jakobino baita anti-abertzalea ere zuelako. Hiru osagai identifikatzen ditu bilakaera azaltzerakoan: bat, norbera aldatzen da –"denborarekin ikasi dut, eztitu naiz", "bilakaera pertsonal batek ekarri du oinarrian neukan jakobinismoa biziki ahuldu izana"–; bi, parekoa ere aldatzen da –"errespetuz diot, sentsazioa daukat beste batzuk ere bide egin dutela, demagun hautetsi edota militante abertzaleak Euskal Hirigune Elkargoan engaiatu izana, jakinda estatutu bereziko egitura bat dutela eskatzen"–; eta hiru, testuingurua aldatzen da –"Euskal Herrian giroa aldatu izanak ere dakar aldaketa"–. Hiru esparruak hein berean garrantzitsuak dira eta bakoitzak akuilatzen du bestea. Aiete biharamunak Testuinguruari doakionez, izan abertzale ala ez, guztiak ados dira errateko Aieteko Bake Konferentzia behar-beharrezko elementu bat dela. Batez ere, hiru egun beranduago ETA erakundeak jakinarazten duen jarduera armatuaren behin-betiko bukaera. Historialaria eta EH Bai-ko hautetsi den Peio Etxeberri-Aintzartek honela dio: "ETAren erabakiak posible egiten die [abertzale ez direnei] bide hori gurekin [abertzaleekin] batera hartzea, jendartearen onarpen soziala errazkiago lortu dezakete testuinguru berri honetan». Baina dena ez da Aieten hasten eta urriak 17 horretan Ipar Euskal Herritik egondako ordezkaritza zabala da froga. Elkarlan hori 2000ko hamarkadan hazitzen dela azaltzen du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak: "Frantziako Estatua soilik ETAren aurkako borrokatik [Baltasar] Garzonen teoria aplikatzera pasa izanak krispazio handi bat sortu zuen jendartearen eta eragileen artean". Ezker Abertzaleko Aurore Martinen aurkako euroagindua izan zen krispazioaren punta: "Aldaketa sakon bat hasi zen orduan, emazte bat bere ideia politikoengatik atxilotzea eta espaniaratzea ezin zuten asumitu". Aurore Martinen atxiloketa ere mugarria izan zen babesa zabaltzen jarraitzeko. Argazkian Euskal Herriko lehen herri harresia, eta arrakastatsua gainera, Poliziak ez baitzuen lortu Martin atxilotzea. (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin) Isilpeko lan bat abiatu zuten orduan. Ulermen eta gogoeta prozesu batean abiatu ziren hainbat eragile, tartean zeudela ikuspegi abertzaletik oso urrun daudenak. "Jakinik eragile bakoitzak tenpus ezberdina daukala", Funosasek zehazten du printzipioetariko bat izan zutela bakoitzari bere iritzia bere erritmoan garatzen uztearena. "Fruitua ontzen ari den momentu horretan heltzen da Aiete". Talde informal hori publiko egiteko gogoa piztu zien Aieteko gertakizunak; laster egin zutena, Bake Bidea izendaturiko taldea plazaratuz. Gogoeta eta lanketa horietarik atera zen 2014ko urriaren 24ko Baionako adierazpen publikoa. Konponketaren aldeko konpromisoan urrats berri bat izan zuten adierazpen hori. Brissonek dioenaz, hitz bakoitza taldean landu, eztabaidatu, adostu eta idatzi izanak egiten du honen gauzapenaren alde dabilela. Elkarrekin lanean aritzen ikasirik Elkarlana beste esparru batzuetan garatzen hasia zen lehenagotik. 90. hamarkadan abiatzen diren lurralde antolaketari buruzko gogoetei heldu behar zaie gaur egun dagoen elkarlanarentzako ahala ulertzeko. Euskal Herria 2010 eta ondotik Euskal Herria 2020 urraspideetan konkretuki gauzatu zen lanerako gaitasun hau. "Gure arteko bereizketak gaindituz, abertzale eta ez-abertzale baita ere ezkerra eta eskuinaren arteko bereizketen gainetik pasaz lan egiten genuen", Brissonen hitzetan. Lurralde antolaketa eta garapen politika bat marrazteko gomendioak adosten zituzten, hortik aurrekontu bat zekarten lurralde hitzarmenak izenpetzeko (2000, 2008 eta 2015. urteetan). Etxeberri-Aintzartek ohartarazten duenez, lurralde antolaketari buruzko "ariketa intelektual" zein "laboratorio" gisa begiratu behar zaiela urraspide horiei; "ofizialki, aldarrikapen instituzional berezirik gabeko" tresna gisa. Max Brisson, senataria (Errepublikanoak, eskuina): "Bilakaera pertsonal batek ekarri du oinarrian neukan jakobinismoa biziki ahuldu izana" Hain zuzen, Euskal Herriak Parisi exijitu aitortza instituzionalari elkor jarraituz, Parisek planteaturiko deszentralizazio politikaren barne kokatzen dira. Urraspide hauetarik sortu ziren Garapen Kontseilua 1994an eta Hautetsien Kontseilua 1995ean. Abertzaleei doakionez, guztiak ez ziren iritzi berekoak: batzuk, aurka ziren, autodeterminaziorako baliorik ez eta "tranpatzat" zituztelako tresna horiek; beste batzuk haatik, desmartxan sartzeko hautua egin zuten, asebeterik ez izan arren. Urtez urte, desadostasunak baretu egin ziren eta poliki-poliki abertzaleen arteko batasuna agertu zen gaiaren inguruan, batez ere, Euskal Lurralde Elkargoaren eskakizunarekin. Bide ezberdinak erabiliz, ezagupen instituzionalaren gaia eramaten segitu zuten ordea abertzaleek. Abertzaleen eremutik haratago hedatuz ari zen aldarria: 1999. urtean, alderdi eta ideologia politiko ezberdinetako ordezkariek izenpeturiko Ehunen Deia , euskal departamenduaren alde 12.000 lagun bildu zituen 1999ko urriak 9ko manifestazioa, 2002. urtean sorturiko Batera plataforma eta ondotik honek antolaturiko herri galdeketa, manifestazio eta ekimen ezberdinak. "Gutxiengoarena zen aldarria gehiengoarena izatera bilakarazi du Baterak. Abertzaleak gehiengoan ziren plataforman, baina, beti jokatu izan dute errespetu handiz iritzi ezberdinak zituztenekiko. Bateraren indarra izan da", dio Jean-René Etxegarai, Euskal Elkargoko presidenteak. Oroit gara nola euskal lurralde elkargoaren alde bozkatu zuen Hautetsien Kontseiluko gehiengo zabalak 2012an. Bide luzea egin izanaren froga. 2017az geroztik, hiru lurraldeak batzen dituen Euskal Elkargoa dago osaturik. Egitura honek zuen funtsean, iazko irailak 23an, presoen alde Parisko manifestaziora deitzeko mozioa aho batez bozkatu. Egitura hori ETAren armagabetzean ere egon zen, Euskal Herriko hiru instituzioetarik bakarra: "Sentimentua neukan ezin genuela jendarte zibila bakarrik arriskua hartzen utzi, gure ardurak hartzeko beharra sentitu nuen". EHLG, ezin saihestua Gaur egungo inplikazioa azaltzeko orduan, 2010ean burutu Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auzia giltza erabakigarri gisa aurkezten du Etxegaraik. Apirilak 8ko armagabetzearen eta EHLGren aldeko borrokaren artean "lotura argia" ikusten du. Garaian, EHLGren presidente zen Mixel Berhokoirigoinen abokatua izan zen Etxegarai. Orduak kontatu gabe, dohainik aritu zen defentsa lanetan. 2017ko apirilaren 8ko ETAren armagabetzearen eta EuskalHerriko Laborantza Ganbararen aldeko borrokaren arteko "lotura argia" ikusten du Jean-René Etxegaraik. Orduan zituen hurbiletik ezagutu 2016ko abenduaren 16an Luhuson atxiloturiko Berhokoirigoin eta Txetx Etxeberri bake artisauak. Haien artean "konfiantza handia" dagoela dio. Baina, EHLGren eraginak bere pertsonatik haratago doazela dio: "Egun batez historialariek argira ekarriko dute Ipar Euskal Herrian buruturiko ekimen andana baten oinarrian dugula EHLG. Adibidez, Euskal Elkargoaren egintza fundatzailea dugu". Azalpena emateko unean oroitarazten du nola Estatuaren ordezkari zen prefeta "zentralista, jakobino" baten aurka defenditu behar izan zuten, erabat politikoa zen borroka bat eramanez: "Aldarrikapen instituzional bat zen, laborantzaren sektorean eta balore zehatz batzuetan oinarriturik, baina, argi eta garbi, instituzionala zen borroka". Anaiz Funosas (Bake Bideako presidentea): "Frantziako Estatua Garzonen teoria aplikatzera pasa izanak krispazio handi bat sortu zuen jendartearen eta eragileen artean" Auzia irabazi izanak ekarri garaipenaz gain, beste neurri bateko garaipena azpimarratzen du Etxegaraik: "Garaipen judizialaz gain, EHLGren lorpena izan da jendeen espirituak bereganatu izana, askori aldatu zaie errealitatea ikusteko moldea eta aurka genituen anitz gureganatu genituen". Jarrera aldaketak bi aldeetan Elkarlana gauzatzeko aukera ezberdinak egon arren, elkarrekin lanean aritzeko gaitasuna ukan behar da. Bidea egin da, jarrerak aldatu dira. Bilakaera hau aztertzeko unean, kontutan hartu beharreko elementutzat dauka ondokoa Etxeberri-Aintzartek: mugimendu abertzalearen pisua hauteskundeetan. Doi-doia 50 urte pasaño ditu mugimendu abertzaleak eta 35 bat urte hauteskundeetarako hautagaitza abertzaleak. 2000ko hamarkada hastapena arte emaitza xumeak lortu bazituzten ere, gaur egun hirugarren indarra eta guneka bigarren indarra da EH Bai. "Horrelako pisuarekin eragin politiko gehiago du mugimendu abertzaleak eta lerroak mugiarazten ditu, klase politikoa bere bide hertsitik desbideratzen hasiko da eta hemengo eskaera batzuk integratuko dituzte". Benetan sinesten dutelako ala interes pertsonalengatik, ezin argiki erran. Hala ere, urteak joan arau, erran daiteke hastapenean adierazpen soil izandakoa baino gehiago direla orain emandako urratsak. Gaur egun, gatazkaren konponketaren alde edota garaian, euskal lurralde elkargoaren alde egindako bilerak, manifestazioak, Frantziako Parlamentuan egindako hitzartzeak zein Pariserainoko bidaiak dira horren seinale. Eskakizun bera badute ere, arrazoiak ezberdinak dituzte. Euskal lurralde elkargoaren aldarria da etsenplurik argiena. Abertzaleen iduriko, autodeterminazioaren bidean pauso berriak lortzeko tresna bat baldin bada, abertzale ez direnek Frantziaren baitan eraman beharreko deszentralizaziorako urrats edota lurraldearen garapenerako tresna gisa ikusten dute. Hala eta guztiz ere, beti erraza ez bada ere, eskakizunaren lorpena lehenesten dute guztiek. Jean-René Etxegarai (Euskal Elkargoko presidentea): "Garaipen judizialaz gain, EHLGren lorpena izan da jendeen espirituak bereganatu izana, askori aldatu zaie errealitatea ikusteko moldea" Mezu abertzalea ere aldatu dela dio historialariak. Oposizioko mugimendu frontala izandakoa, 90. hamarkadaz goiti, oposiziozkoa izateaz gain, "alternatiba proposamen" bilakatzen dela dio. Etxebizitzaren alorrean eramandako lana dute adibiderik argienetarikoa. Norberak eta parekoak bere jarrera aldatu izana azpimarratzen du Brissonek. "Ez dut kontua pertsonalizatu nahi, naizen pertsona txikiak garrantzia gutxi duelako historia honetan. Baina, gogoan dut nola pegatinak baziren nire aurpegiarekin, ia arma baten jopunta banuela kopetan". Horrelako pegatinik ez da gehiago agertzen. Kontuan hartu beharra dago ez dela pertsonak miran hartzen dituen euskal talde armaturik egon eta horrek ere erraztu duela hurbilketa. Behin eta berriz entzundako "Enbata zikina" laidoa ere isildurik da, lehen urteetan militante abertzaleek jasotako hil mehatxuak edota ukabilkadak ere ez dira gehiago eta esparru politikoan hautetsi abertzaleen ahotsa entzuna da. Jarrerak aldatu dira, bi aldeetan, eta horrek dakar bi aldeek elkarrekin lanean aritzeko duten irekidura. Gero hurbilari begira, bi helburu argi dituzte: batetik, preso politikoen egoerari begira aitzinamenduak lortzea eta bestetik, bake prozesuaren aldeko batasuna jendartean ere errotzen eta hedatzen segitzea. ETAren desarmearen eguna, Euskal Herriko historian sartuko den eguna izango da. Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako gizarte zibila munduan aurrekaririk ez zuen desarme prozesuko protagonista izan zen. (Argazkia: Bakearen Artisauak)
news
argia-c749227074bb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/emerson-caceres-cacerolo.html
Gaizkiaren errepresentazio dotorea, irribarre unibertsalak borobildua
Jon Torner Zabala
2018-02-04 00:00:00
Gaizkiaren errepresentazio dotorea, irribarre unibertsalak borobildua Duela zenbait urte Salvador Dalí artistaren erretratua marraztu zuen Emerson Cáceres 'Cacerolo' pintore kolonbiarrak, aurpegi osoa zuri-beltzean, salbu eta ezpain ingurua. Gorriz margotu zuen, Batman komiki-sagako Joker gaizkilearen irribarrea irudikatuz. Hura izan zen Guasones bildumako bere lehenbiziko obra. Joker, Guasón baita Kolonbian. Dozenaka pertsona ezagunen erretratuak marraztu ditu ordutik, mihise gainean batzuk, Bogota eta beste zenbait hiritako paretetan besteak, kaleko arteari dagokion balioa ematea helburu. "Poztasun mozorroa jantzia duen inkonformismoa" islatzen dute haren obrek; estereotipo sozialak ditu jo-puntuan, artistak berak azaldu digunez. Egiazki, ez dira ezpainak kolore ukitua daukaten elementu bakarrak. Gorriz marraztu ohi du buruko ile bat –bere emazte ilegorri Sararen ohoretan–, baita begien zuria ere. Eta arroparik ikusten bada, lepo ingurua purpuraz koloreztatzen du batzuetan, eta berde bizi-biziz gorbata, Joker edo Guasón maltzurraren ikur. Erretratuek badute beste ezaugarri bat: eskuin begitik behera malko batek egiten du irrist. Damua islatzen du malkoak, eta maitasuna ile gorriak. "Nire erretratuetan Guasónen irribarre maltzurra marrazten dudanean, gaiztakeria irudikatu nahi dut gizakiaren funtsezko elementu gisa", kontatu digu Cáceresek. "Uste dut giza-arimaren oinarrizko beste osagai batzuk sentimenduak direla". Sentimendu kontrajarriak azaleratzen dituzte haren marrazkiek, ezertxo ere ez baita dirudien bezalakoa. "Erretratu psikologiko hauekin pertsonaia bakoitzaren izaeran sakondu nahi izan dut", dio. "Eta konturatu naiz guztiok dugula botere-izate korrosiboa alde ilun eta gaizto batean ezkutaturik, tartean behin kanporatu egiten duguna". Emerson Cáceres (Bogota, 1978) / Revista Tendencia Guasón (edo Joker) gaizkile egozentrikoa "antagonista ezin hobea" da sail honetan erretratatu dituen pertsonaia ezagunekin lotzeko, Cáceresek esan digunez: "Moral garaikidearen sinbolo bilakatzen joan da Guasón eta, denborarekin, arketipo, berarekin oso erraz identifika dezakegun ideia edo kontzeptua. Mespretxagarria, maltzurra eta batzuetan absurdua. Guasónek neurrigabekeria irudikatzeko duen gaitasunak limurtu egiten gaitu". Artistaren hitzetan, kultura garaikidearen figura "liluragarrienetako bat" da Guasón: "Gaiztakeriaren errepresentazio dotore eta elokuentea da eta, hain justu, hori islatu nahi dut nire margolanetan". Marraztu ditu Kolonbiako politikari eta estatu-buruak (Álvaro Uribe senataria, Juan Manuel Santos presidentea, Bogotako alkate ohi Gustavo Petro...), baita atzerritar zenbait ere (Fidel Castro, Hugo Chavez, Adolf Hitler, Felipe IV. erregea...). Baina egin ditu ere bai pintore edota musikari ezagunen erretratuak, futbolari eta txirrindularienak, Frantzisko Aita Santuarena, narkotrafikoa, ustelkeria eta feminizidioa salatzen dutenak... Ia irudi guztiek dute irribarre maltzur hori, gorrotoa-edo islatzen duen begirada, malkoa eskuin begitik behera eta ile gorria. Picassoren 'Gernika', kolonbiar gatazkara egokitua Pasa den urtean, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenarekin bat, koadro berezia marraztu zuen Cáceresek, Picassoren margolan ezaguna oinarri. Berrinterpretazio horretan azaltzen dira Cebú zezena ("armak hartu zituzten nekazari-paramilitarren ikur"), gerrillak bonba moduan erabiltzen zituen astoak, indigena desplazatuak eta hildako soldaduak. "50 urte baino gehiago dira gure herrialdea bonbardatzen ari garela, eta bakea lortzeko egiten diren ahaleginak ahalegin, badirudi gerran jarraitu nahi dugula", dio artistak. FARC-EP eta gobernuaren arteko bake-itunari baiezko botoa eman zion berak, Santos presidentea ez duen arren estimu handitan. 'Gernika' koadroa Kolonbiako errealitatera egokitu du Cáceresek, bakearen aldarri itzela delakoan. Picassoren elementuak hurbileko erreferentziengatik ordezkatu ditu. "Picassoren Gernika XX. mendeko koadrorik garrantzitsuena da niretzat", kontatu digu. "Gerraren basakeria oso argi islatzen du. Inportantea zen margolana gurera ekarri eta Kolonbian bizi ditugun izugarrikeriak azaleratzea, horiek berriro ez errepikatu eta bake-ituna babesteko". Benetako artea, helburu komertzial hutsaz harago 2016ko martxoan margotu zuen Felipe VI espainiar erregearen erretratua, Madrilgo Tabakaleran, Europar Batasunaren "hipokresia" salatzea xede. "'Ongi etorri errefuxiatuak' diote, baina gezurra da hori; inork ez ditu nahi eta bidegabe tratatzen dituzte". Bogotako arte galeria batean erakutsi zuen koadro hura Cáceresek, Hiperreal erakusketaren baitan. Maiz galdetu diote zein dituen gogokoen: kaleko paretak ala mihiseak. "Biak dira beharrezkoak eta elkarren osagarri", dio. "Kalea funtsezkoa da gure ikuspuntuak islatu eta jendearen erreakzioa bilatzeko; aldiz, galeria batean erakusteak laguntzen digu artelanari izaera komertziala ematen. Oso baliagarriak dira formatu biak". Bere hitzetan, gaur egun egiten diren artelan askok ez dute helburu komertziala besterik. "Publikoak, oro har, benetako historiak ikusi nahi ditu, baina arte modernoak ez ditu asko kontatzen", esan digu. "Erraz saldu daitezkeen, dekoratibo hutsak diren eta edukirik ez daukaten koadroekin inpaktua lortzea bilatzen dute artistek. Arteak asko du esateko munduaz eta gertakariez, pinturak behar du izan bizi dugun garaiaren ispilu, hori da nire margolanen gaia, erretratatu nahi dudana, pintore garaikideek kontatu nahi ez dituzten edo kontatzeak beldurtu egiten dituen benetako historiak". Galdetuta bere iritziz artea ote den injustiziak borrokatzeko arma bat, ezetz erantzun digu: "Handiustea litzateke artearen bidez gizarte-ordena alda daitekeela pentsatzea. Uste dut artea dela berezko lengoaia duen adierazpidea, emozioak adieraztea helburu duena, eta maila tekniko handiekin egiten dena. Artearen bidez garena eta sentitzen duguna islatzea lortzen dugu. Artista batzuek ikusleen bihotzak kolpatzea bilatzen dute. Niri buru-barnera heltzea eta kontzientziak astintzea interesatzen zait". Zentsuraren atzaparra Bogota iparraldea alderik alde zeharkatzen duen Suba hiribidean mural handi bat marraztu zuen Cáceresek. Álvaro Uribe eta Juan Manuel Santos ageri ziren, eta lelo bat: "Bakea, Justizia Sozialarekin". Margolanak txaloak jaso zituen, baina kritika gogorrak ere bai. "Cacerolo, badakigu non bizi zaren" egin zioten mehatxu, "gerrillak finantzaturiko artista zara". Marraztu eta hilabete gutxira ezabatu egin zuten mural hura. Bestalde, Miamiko galeria batean erakutsi zituenean Fidel Castro eta Hugo Chavez amerikar agintarien erretratuak, jendeak suntsitu egin nahi izan zituen. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta, alboan, baiezkoa markatua. FARC-EP eta gobernuaren arteko bake-itunari baiezko botoa eman zion Cáceresek, Santos ez duen arren estimu handitan. Cáceresek kontatu digu kalean egiten dituen artelan gehienek gai politikoak dituztela ardatz. "Politikoki hain polarizatua dagoen herrialde honetan, maiz egiten dugu tupust obraren mezua ulertzen ez duten fanati koen zentsurarekin. Erretratuak ezabatu soilik ez, mehatxatu egiten gaituzte sare sozialen anonimotasuna baliatuz". Dena dela, dioenez kaleko arteak garai oso onak bizi ditu Kolonbian. "Denbora gutxian gure hiriburua erreferente bilakatu da, munduko hiriburu handien pare gaude. Atsegin ematen du Kolonbiako artistak mundu osoko jaialdietara gonbidatzen dituztela ikusteak. Kaleko artea esportazio-produktua da".   ---------- KOMIKIAK INSPIRAZIO ITURRI ---------- Guasón, edo Joker, Cáceresen erretratuak inspiratu dituen pertsonaia. "Nire haurtzaroan, sozializatzeko bitarteko onak ziren komikiak. Ez zegoen Internetik, are gutxiago sare sozialik. Nire adineko umeok irudimena elikatzeko eremu ezin hobea aurkitzen genuen komikietan. Uste dut teknologia berriek, komunikatzeko bideek eta bereziki 'Komiki zinema' mehatxu direla aldizkari formatuko komikiarentzat. Mundua aldatzen ari da baina heroi eta gaizkileak behar izaten eta sortzen jarraitzen du".
news
argia-5e3a99600e4f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/rosie-errematxatzailea-hil-da.html
Rosie errematxatzailea hil da
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-02-04 00:00:00
Rosie errematxatzailea hil da 1942an J. Howard Miller-ek, fabrikako langile baten argazkian oinarrituta, ezkerreko kartel ezaguna diseinatu zuen. AEBetako Gerra Batzordeak egin zion enkargua, emakumeek frontean zeuden gizonak industrian ordezka zitzaten dei egiteko. Gerra amaituta irudia ahaztu egin zen. Baina 80ko hamarkadan Rosie errematxatzailea –horrela esaten diote karteleko pertsonaiari, Rosie the Riveter– indarberrituta eta feminismoaren ikono bihurtuta itzuli zen. Sei urteko ikerlanaren ondoren, 2016an, James J. Kimble-k Rosieren atzean zegoen benetako emakumea aurkitu zuen: Naomi Parker Fraley. 20 urte zituela hasi zen gerra industrian lanean, eta urtarrilaren 23an hil zen, 96 urte zituela.
news
argia-8d8735583fa3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/donostiatik-eusko-legebiltzarrera-2019-kilometroko-giza-katea-iragarri-du-gure-esku-dagok.html
Donostiatik Eusko Legebiltzarrera 201,9 kilometroko giza katea iragarri du Gure Esku Dagok
Andoni Mikelarena
2018-01-29 00:00:00
Donostiatik Eusko Legebiltzarrera 201,9 kilometroko giza katea iragarri du Gure Esku Dagok Larunbatean Donostiako Eureka! zientziaren museoan aurkeztu zuten ekimena erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduko kideek. Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartu nahi dituzte ekainaren 10ean, horretarako gutxienez 100.000 lagun behar direla adierazi dute. "Euskal Herrian sekula egin den mobilizaziorik handiena iragartzera goaz", mezu hori zabaldu zuten Gure Esku Dagoko kideek aurreko astean. Larunbatean iragarriko zuten mobilizazioak intriga sortu zuen askorengan eta eguerdiko hamabiak aldera egin zuten publiko mobilizazioa. Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea osatuko dute ekainaren 10ean. 2014ko giza katearekin alderatuta ñabardura ugari ditu aurtengoak. Aurrekoak baina 75 kilometro gehiago ditu larunbatean aurkeztutakoak eta duela lau urtekoa herri txikietatik igaro bazen nagusiki, oraingoa hirigune eta herri gune handietatik pasako da, dinamikako kideen esanetan "jende gehien bizi den eremuetatik". Eusko Legebiltzarraren ateetan amaituko da mobilizazioa, "herritarron ituna, erakundeen esku utziz, herri itunerako trantsizioa egin dezaten". Ekainaren 10eko mobilizazioa Euskal Autonomi Erkidegoan zentratuko da. Dinamikako bozeramaileen arabera, "aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan horrelako ekimen bat mahai gainean jartzeko baldintzak" ikusi dituzte. Nafarroako dinamikako kideek datozen asteetan iragarriko dute Nafarroari dagokion plangintza eta Ipar Euskal Herriko eragileekin ere "harremanetan" daudela adierazi du Angel Oiarbide GEDen bozeramaileak. Gure Esku Dago "Euskal Herri osoan erabakitzeko eskubidearen aldeko baldintzak sortzen" ari dela adierazi zuten dinamikako kideek eta etorkizunean "zazpi hiriburuak" lotzea dela helburua. 2.019 arrazoi erabakitzeko Datozen aste eta hilabeteetan erabakitzeko arrazoiak bilduko dituzte. Arrazoi horiekin osatu nahi dute "herritarron ituna". Horretarako lau mahai inguru antolatu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mahai inguru bakoitzean gai bat landuko dute. Asteazken honetan izango da lehena Bilbon eta ongizateaz arituko dira. Giza katean pertsona bakoitzak zapi bat izango du eta zapi horretan norberaren erabakitzeko arrazoia idazteko deia egin du Gure Esku Dagok, Eusko Legebiltzarrean amaituko den "arrazoien katea" osatzeko. Ekimena finantzatzeko izen ematearekin batera bost euroko laguntza eskatu dute. Internet bidez edo herrietako kideengana joz eman ahalko da izena eta datozen egunetan jarriko dute martxan. "Ahalik eta azkarren eman izena, antolaketa lanak errazteko", larunbateko ekitaldian eman zuten oharra.
news
argia-d30a54f46de3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/glifosatoa-eta-ni.html
Glifosatoa eta ni
Irati Elorrieta
2018-02-04 00:00:00
Glifosatoa eta ni Gure harremanaren kronologia laburra egingo dut soilik oroimena erabiliz, hau da, sarean gaiaz ikertu gabe. Hitz berria 2017ko udaberrian agertu zen nire bizitzan, gure etxean: Glifosatoa. Erabateko intrusioaren bidetik, produktu ekologikoz osatutako erosketa baten gehigarri eskatu-gabean aurkeztu zen. Gainbegiratu baino ez nuen egin. Ez nintzen gaizki sentitu gaiaz ezer ez jakiteagatik. Gai pila pasatzen dira ohartu gabe. Trenean eserita doan bidaiariari paisaiaren zati handiena leihotik kanpo geratzen den ingurutik pasatzen zaio. Akorduan dut inprimakiak nire arreta finkatzeko gakoa izan zela sinadura bilketa Europa mailakoa izatea. Pestizida toxiko bat Europan debekatzeko eskaera hartatik ulertu nuen: gizakientzat minbizi-sortzailea izan zitekeela eta, hau ziur, ondorio larriak zituela biodibertsitatean. Eta beti indargabe sentiarazten nauen zerbait gehiago: pestiziden gaineko ikerketak ez dituela pestizida industriak agindu eta finantzatu behar, baizik eta instantzia erregulatzaileak berak. "Ejem, kontu ezaguna!" . Lau sinadurarako lekua zegoen, eta herri-ekimen europarra zenez, bisitan etorriko ziren gurasoei ere sinadurak eskatzea otu zitzaidan. Inprimakia sukaldean zintzilik izan nuen haiek etorri ziren arte. Sinatu zuten. Baina, dena esan behar badut, mesfidantzaz. Ea zer zen glifosato hori. Beraiek ez zekitela ezer horretaz, eta ea zer ote nekien nik. Ez baita nire arloa, benetan. Bidali genituen sinadurak, beste milioitik gora europarrenekin batera. Haurtzaindegiko ama bati entzun nion inprimakiaz, nirekin Yogara doan bati... Antza, zarata handirik egin gabe, baina ahoz-aho, bazebilen ibili, glifosatoa. Urte erdira edo izan nituen haren hurrengo berriak. Noren eta Alemaniako nekazaritza ministro kontserbadorearen baiezko botoari esker (sorpresaz!), glifosatoa erabiltzeko baimena hurrengo bost urtetarako luzatuko zela Europan. Nola eta sozialista deituriko alderdiak daraman ingurugiro ministerioaren betoaren kontra, artean bi alderdi handien koalizioa indarrean zegoela, eta alta, koalizio horren araudia urratuz. Noiz eta Merkelen alderdiak, Jamaikaren koloreak lituzkeen gobernu alemaniar batera heltzeko negoziazioek porrot egin zutenez, sozialista traizionatu horiexekin zundaketetan hasi behar zuenean. "Amatxo maitea, benetan?" . Deskalabru hau guztia prentsan agertu zenean glifosatoaren kontrako jarreran argumentu bat nagusitzen zen argi eta garbi: espezien suntsipena. Adituak izan gabe ere, kontzeptu batzuk serio hartzen hasi behar dugu. Gabonak tartean, aste batzuk pasa dira ostera ere glifosatoaz entzun orduko. Koalizio berririk gabe jarraitzen du Alemaniak (agian ez du BEHAR) eta lagun batek esnatu nau goizean, telefonoz, 300 bat traktore pasa direla bere etxe aurretik. Bere umea entzuten dut atzetik, asaldatuta "Traktor! Traktor!" esaten. Dinosauroak zer diren dakien ume batek leihotik dinosauroak ikusi izan balitu bezain aztoraturik. Nire laguna ere, umearen ama, hunkituta dago, ez zuela gogoan manifestazioa zegoela, elkarrekin joango ahal ginen. Nik ez nekien ezer delako manifestazioaz, beste laborantza baten eta glifosatoaren debekuaren aldekoaz, baina ezin izan dut berarekin joan, umeen gripeak aginduta. Lagunaren balantzea jaso dut mezu bidez: "160 traktore! Bat Augsburg-etik. Asko hegoaldetik etorriak. Erleen kontuarekin hasi behar dugu" . Badaude bere bidea egiten duten aferak. Baietz erantzun diot, kontatzeko nirekin.
news
argia-ae3a3515ede0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/gerraren-kontaketa-gazi-gozoa.html
Gerraren kontaketa gazi-gozoa
Amaia Serrano Mariezkurrena
2018-02-04 00:00:00
Gerraren kontaketa gazi-gozoa Errealitateak maiz fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Eta halakoetan fikzio bidez errealitatea kontatu eta sinesgarri bihurtzea ez da lan erraza. Nobela honetan gerra garaiko istorio bitxi bat kontatzen zaigu, sinestezina irudi lezakeena, baina benetako gertaera bat oinarri duena. Valladolideko artzapezpikuaren bahiketa eta ihesa da, hain zuzen, kontagai. Alabaina, gertakizun hura fikzio bihurtzeko hautatu den tonuak egiten du liburua berezi: tragediaren eta komediaren arteko narrazio groteskoa dirudi. Komikotasunetik dramararainoko bidea egiten du, hasierako egoera irrigarriak desegin eta gerraren krudeltasuna agerian utziz. Idatzi-moldearen umore kutsua hiru baliabideren bitartez lortzen da. Batetik, zenbait pertsonaiaren ibilbide ideologikoa karikaturizatuz. Bestetik, anarkismoaren mugimenduan dabiltzan pertsonaia batzuen inkoherentziak nabarmenduz. Azkenik, gertaera batzuk muturrera eramanez. Horrez gain, pertsonaia historikoak narrazio komikoarekin nahasteak harridura, zirrara, irribarrea nahiz larritasuna sor dezake irakurlearengan, batez ere egoerak absurdoraino iristen direnean. Bestalde, testuinguru gatazkatsu horretan Karmen pertsonaia da nabarmentzen denetako bat, eta haren ibilerek bihurtzen dute 1936ko Gerrari buruzko eleberrigintzako emakumezko ekintzaile bakanetarikoa. Hura da, hain zuzen, istorioaren norabidea aldatzeko gaitasuna duena: alde batetik, anarkista zoroaren amaiera eragiten duelako, eta bestetik, ezohiko emakume-irudia emanez, liderrari tiroa eman eta gudariak burutzera ausartu ez direna egiten baitu. Haatik, emakumezko pertsonaiaren irudikapenak erakusten du bulkadetatik eta sentimenduetatik egiten duela gerra, ezen arrazoi ideologikoa amodio-mendeku batetik abiatzen dela iradokitzen baita. Eleberri honetan ipuingintzan trebatua den idazlearen eskua nabari da, irudien plastikotasunean, pertsonaien alderdi psikologikoaren sakontasunik ezean, ekintzen ugaritasunean eta kapitulu amaieretako intrigan. Irakurleari hari-mutur batzuk lotzeko eskatzen zaio, eta, trukean, bera konplize bihurtzeko asmoa dago nobelaren bukaeran, Donostiako alkate nazionalak artzapezpikuari eskainitako adierazpen publikoak istorioa irakurri duenak soilik ulertuko duen esanahia hartzen baitu, alkatearen ezjakintasuna agerian utziz.
news
argia-e60ff15b9fc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/beti-bezperako-koplak.html
Beti bezperako koplak
Miren Artetxe Sarasola
2018-02-04 00:00:00
Beti bezperako koplak Klank. Klank. Klank...: "Edertasunez jaunak apaindu zuen Ageda gaztetan. Haren begiak izar bi ziran, aurpegi gozo haretan. Gizon gaiztoen grina zitalak esna zitzaken benetan. Laister izutu zan Kintziano Agedaren ederretan" . Siziliako gobernadorea saiatu omen zen Agedaren edertasuna bereganatzen –demagun, ezkontzeko eskatuz–. Neska gazteak, ordea, "Kintzianoren eske guztiak errez baztertu zituan"   –demagun, bere birjintasuna Jesus Nazaretekoari eskaini nahi ziolako. Baina –kristau-ehiza garai bete-betean– "agintari gaizto harek kristautzat salatu zuan" . Tradiziozko istoriotik ikasbide bat hautatzekotan, nik hauxe. Kintziano Agedaren ezetzak amorrarazi zuen, eta haren kristautasuna erabili zuen, herraren herraz, bere boterea ezezkoarekin desafiatu zuen hura makurrarazteko. ( "Interpretazio partziala!" , entzun dezaket. "Anakronismoa!" . Eta Agedaren gogaitu aurpegia agertzen zait GIF erara, begiak zuri, hasperenka eta bularretik odol-zurrusta dariola). Alabaina, gauzak zer diren, zigor gisara putetxe batera eraman zuen Kintzianok Ageda, duintasuna gal zezan, birjintasunarekin batera. Izan zedila puta. Ezezkoaren aurretik ez bazen, ezezkoaren ondoren. Baina, puta. Eta mirariz, bertan ere ez zuenez birjintasunik galdu, Ageda giltzaperatu eta hil arte torturatzeko agindu zuen gizonak. Klank.
news
argia-d61d7013b629
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/artista-langileak.html
Artista langileak
Eneko Olasagasti
2018-02-04 00:00:00
Artista langileak Madrilgo Aktoreen Batasuneko idazkari nagusi Iñaki Guevararen hitz dira honako hauek: "Aktoreak noizbehinkako langileak gara eta, horregatik, legeak egokitu beharrean gaude gainontzeko langileen eskubide berak lortzeko". Bere hitzek azken urteetan eman den ekimen baten mamia laburbiltzen dute. "Artistaren Estatutua" bezala ezagutzen da eta horixe du helburu: langileen eskubide berak izatea, artistak ere langileak garelako. Hedabideek saltzen duten aktoreen irudia gehienetan alfonbra gorriarekin lotuta dago, edo antzeko ekintzek zabaltzen duten glamourarekin. Inportatutako irudia inondik inora. Eta gurean, Handia fenomenoak Goyatarako izendapenekin (Zorionak, duda gabe) areagotu egiten du irudi hori. Baina errealitateak ez du zerikusirik horrekin, ez eta Gizarte Segurantzarekin dugun harremanarekin ere. Guretzako propio sortu zuten Erregimen Orokorraren barruan artisten erregimenaren berezitasuna aitortzen zaigu, baina horrek ez dizkigu eskubide berak bermatzen. Eta kontua, hain zuzen ere, hori da. Langile guztien eskubide berberetara hurbilduko gaituen lege aldaketa bat bultzatzea. Hiru puntutan laburbiltzen da Artistaren Estatutuak eskatzen duena.     1. Gizarte Segurantzaren erreforma. Bermatu dezan lanik gabeko uneetan egon dadila langabezia prestazioa, behin-behinekotasun edo intermitentzia errealitatera egokitua, artistek bere bizitza laborala osa ahal izan dezaten.     2. Erreforma fiskala. Urte batean irabazitakoa errenta aitorpen diferentetan banatu ahal izatea, aintzat hartzeko artista baten soldatak, bere lana bezala, aldakorrak eta intermitenteak direla.     3. Eredu sindikalaren erreforma. Artistek, gainontzeko langileek bezala, hauteskunde sindikalak egin ahal izan ditzaten, eta sindikatuek arloko erakunde sindikal nagusiak bezala onartuak izateko aukera edukitzea.   Hau guztia aurrera ateratzeko joan den urteko udaberrian Madrilgo Diputatuen Kongresuan, eta Podemosek bultzatuta, azpibatzorde bat osatu zen. Sare sozialetan, batzorde horren bilera bateko bideo bat ikusi ahal izan da, non Espainiako lau alderdi nagusiak bat datozen ekimenarekin. Beste kontu bat da horrek zein ibilbide izango duen, nahiz eta denak bat etorri oinarrietan. Bideoan ez dira azaltzen ez EAJ, ezta EH Bildu ere. Kontuan izanik Gizarte Segurantzaren eskumena Madrilen esku dagoela oraindik, ez legoke gaizki Euskal Herriko artistok bi alderdi horien bitartez ordezkatuak izatea batzordean. Agian hala da, bideoan azaltzen ez badira ere. Berez 2018ko udaberrian iritsiko da Kongresura eztabaidatua izateko. Sinplea beraz, artistak langileak gara eta eskubide berak nahi ditugu. Ea.
news
argia-df4a7a335c06
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/sagardo-denboraldiaren-irekiera.html
Sagardo denboraldiaren irekiera
Ainhoa Azurmendi
2018-02-04 00:00:00
Sagardo denboraldiaren irekiera Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean sustatzen genuenean. Eta oraindik ere elkarrekin sagardotegira joateko usadioa mantentzen dugu. Halaber, ezagutzen ditut sagardoa eta sagardotegia oso gustuko duten emakume arraunlariak, futbolariak, judokak, pilotariak, piraguistak, surflariak, eta abar luze bat. Alabaina, deigarria iruditu zait aurtengo sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldi ezberdinetan, eta bereziki hamaika kiroletako gizonek parte hartu dutenetan –nire errespetu eta miresmena luzatzen diet guztiei–, apenas emakumerik ikustea; ez kirolariak, ez gizarteko beste arloetan balentria handiak egin dituzten emakumeak. Zer dela eta? Ez al dago gure inguruan ohore hori merezi duen emakumerik? Nahita eginda ere, zaila egiten zait sinestea emakume kirolari bakar bat bera ere ez egotea, are eta zailago, azken hilabeteetan hainbatek lortu dituzten emaitzak gogora ekartzen baditut. Deigarria iruditu zait aurtengo sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldi ezberdinetan, eta bereziki hamaika kiroletako gizonek parte hartu dutenetan, apenas emakumerik ikustea. Zer dela eta? Begiak itxi eta kirolari hitza entzuten badugu zer irudi datorkigu burura? Kirol arloan emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko, komunikabideetan, kalean, ekitaldi berezietan, eskoletan, eta leku guztietan, emakume kirolariak ikustarazi behar direla esaten dugunean, besteak beste, kirolaren tradiziozko kooptazioa eta irudi maskulinoa apurtzeko beharraz ari gara; adin guztietako emakumeek, eta bereziki, neskatxa gazteek, ereduak edukitzeko garrantziaz ari gara; emakume kirolarien egoera ekonomiko prekarioa leuntzen eta jardunaren kalitatea hobetzen lagundu dezakeen babesle potentzialen artean haiek ezagutzera emateaz ari gara; eta nola ez, emakumeok gizartean merezi dugun gizonen bezain besteko tartea eskaintzeaz ari gara. Tamalez, aurtengo sagardo denboraldiko hasierak emakumeak esparru horretan ez-jakitunak, arrotzak, edo asko jota, bigarren mailako gonbidatuak garen irudia proiektatu du. Hala ere, kontuan hartu behar da gertakari hau behin eta berriz gizarteko eremu guztietan gertatzen denaren adibide bat besterik ez dela.     Gizartearen arlo publikoko protagonisten irudikapen mentala aldatzeko lehen pausoa ekintza praktikoa da, hain zuzen, emakumeei beti ukatu izan zaigun espazio publikoan parte hartzeko eskubidea bermatzea. Eta uste dut badela eskubide honen zaindari lanetan emakumeok baino erantzukizun txit handiagoa duen pribilegiatu edo oharkaberik.
news
argia-13a2992c07ac
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/june-crespo.html
Eraitsi eta eraiki
Xabier Gantzarain
2018-02-04 00:00:00
Eraitsi eta eraiki Ez dira gauza bera deseraiki eta eraitsi, baina batzuetan deseraikitzeko modu bakarra eraistea izaten da, jaistera behartzea, lurrera botatzea, eta lurrera ekartzea, zeruetara igo beharrean. Horixe egin dute artista askok eskulturarekin, eta horretan ari da aspaldian June Crespo Oyaga (Iruñea, 1982ko urtarrilaren 21ean). Lurra da bere estetikaren oinarria. "Ez dut hainbeste lan egiten gauzak lurzoruan landuz, baina denbora asko ematen dut gauzak mugitzen, ordenatzen, pilatzen… Ikuspuntu baxu batekin, objektuen parean. Dena dela, nire gauzak lurzoruan antolatzen ditut eta, azken garai honetan, maila horizontalean edo ia bigarren lurzoruak diren planoetan. Gertuko artista askok antzera lan egiten dute edo aurkezten dute beren obra, baina beste leku batzuetan ere gertatzen da hori. Holandan, adibidez, horrela lan egiten duten lankideak izan ditut". Holandako De Ateliers entzutetsuan egon da bi urtez, aurretik Suediako IASPISen. 2013an Gure Artea saria jaso zuen. "Deleuzen arabera, horizontea, funtsean, ikusmenari dagokio eta lurzorua, funtsean ukimenari. Nire iritzian, beharbada, badu zerikusia Rosalind Kraussek ikuspuntu aberekoiago bati buruz esaten duenarekin: lurzoruarekiko konexioak ikusmena eta ukimena lotzen ditu". Elkarrizketa batetik hartuak dira hitz hauek, Iñaki Imaz eta June Cresporen artekotik, Eremuak #4 aldizkarian; dauden bezala jarri ditut. Galdera egiten dio Iñaki Imazek: "Gorputzaz ari garela, duela gutxi egindako argazki batean ikusi dut lan-jantzi urdina erabiltzen duzula, lantegi mekaniko askotan erabiltzen dituztenak bezalakoa. Asko zikintzen al zara estudioan?". Erantzunak ez du axola. Bere lanak ikustea da onena, Bilboko Carreras Mugican daude martxoaren 3ra arte, eta ukitu, begiekin bada ere.
news
argia-1b56efa488c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/davoseko-emakume-arriskutsu-horiek.html
Davoseko emakume arriskutsu horiek
Juan Mari Arregi
2018-02-04 00:00:00
Davoseko emakume arriskutsu horiek Urtero, egun hauetan Davoseko Foro Ekonomikoa bildu ohi da Suitzako Alpeetako herrian. Zita dute kapitalismoaren munduko eliteek, izan enpresari nola agintari. 3.000 parte-hartzaile inguru dira, 119 ekonomiatako ordezkariak, eta tartean daude 340 lider politiko eta G-7ko sei presidente –denak, Japoniakoa izan ezik–, baita Donald Trump ere. Helburua, urtero lelo politez mozorrotua egonagatik, sistema kapitalista mantentzea da, aurpegiz aldatu behar bazaio ere: itxuraz "atseginagoa" eta "humanoagoa" egin, munduko botereari eusteko. Aurten "emakumearen momentua" izan omen da. Antolakuntzari kritikak egin izan zaizkio emakumeen kopurua eskasa delako, eta aurten baimena eman dute klub hori esklusiboki emakumeek gidatzeko. Arrazoia? Gai nagusietako bat dela emakume eta gizonen arteko langa sozioekonomikoa murriztea. Aukeratuak izan dira Erna Solberg Norvegiako lehen ministroa eta Cristine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari kudeatzailea. Lagardek duela gutxi adierazi du "zaharrak gehiegi bizi" direla eta hori "arrisku bat" dela munduko ekonomiarentzat. Emakume aurpegia jarri bazaio ere, foro kapitalistak ez dio utziko kapitalista, klasista eta diskriminatzaile izateari, feminismoaren, politika sozialen eta herritarren kontrakoa. Nahiz eta zuriz pintatu, belea beti bele, eta kapitalismoa beti kapitalismo. Egiturazkoak baititu injustizia, iruzurra eta diruzalekeria. Eta adibide gisa hortxe dugu Lagarderen bidegabekeria, hirugarren adina likidatu dadila proposatuz, bera eta bere modukoak izan ezik, noski. Halakoxeak dira Davoseko emakume agintariak. Eskerrak beste pentsamolde bateko emakumeak nagusi diren munduan!
news
argia-3aab1f58e508
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/maghu-eguzki-lorearen-hazitik-sortutako-proiektua.html
Magh�: Eguzki-lorearen hazitik sortutako proiektua
Garazi Zabaleta
2018-02-04 00:00:00
Magh�: Eguzki-lorearen hazitik sortutako proiektua Sinbologia handiko lorea da Euskal Herrian eguzki-lorea. Baserri eta etxeetako ate edo leihoetan ikusiko dugu maiz, babesaren eta indarraren erakusle. "Gure arbasoen garaietatik, eguzki-lorea magia handiko lorea da. Iluntasunetik eta espiritu gaiztoengandik babesten gaitu eguzkiaren loreak" azaltzen dute Maghúko webgunean . Babes eta magia hori hazteko ilusioarekin abiatu zuten 2016an proiektua Marga Pesos Iñiguez eta bere bikotekideak Elosun (Araba). Propietate handiko lorea Hasieran, etxeko atean jartzeko eguzki-lorea nahi zutela azaldu du Pesosek, baina ingurumena kaltetu eta natura inbaditu gabe lortu nahi zuten. "Eguzki-lorea babestua dago galtzeko arriskuan dagoelako. Horregatik gure buruan ez zen sartzen mendira joan eta handik hartzea", dio. Antzeko egoeran jende gehiago ere egongo zela pentsatuta, zera erabaki zuten azkenean: eurak izatea etxeko lursailean eguzki-loreak haziko zituztenak. Horrela sortu zen Maghú proiektua, eguzki-lorearen hazietatik abiatuta. Eguzki lorez egiten dituzten gaiak. Eguzki-loreak jasotzen hasi zirenean, erabilera anitzetarako frogak egiten hasi eta mundu berri bat deskubritu zuten. "Batez ere dermatitisa edo azaleko arazoak dituztenentzat emaitza oso onak ematen dituen krema egiten hasi ginen eguzki-lorearen sustraiarekin", dio Pesosek. Gerora etorri dira gorputzerako olioak, xaboiak, lozioak, eta baita eguzki-lorearen sustraiarekin egindako 30ºko likorea ere. Maghúko dendako produktu guztiek dute eguzki-lorea oinarrian. 19 hilabeteko prozesu mantso bezain polita Eguzki-lorearen haziak ere saltzen dituzte Maghún. Pesosek azaldu duenez, 19 hilabetekoa da hazia landatzen denetik lorea jaso arteko prozesua. "Oso prozesu polita da, ia bi urteko itxaronaldia, zaintza eta mimoak dira". Norberak lorea landatzeak bere puntu magikoa duela uste du proiektuko kideak, baina horretarako nabarmendu du nahitaezkoak direla pazientzia, konstantzia eta presentzia. Maghúko kideak aitzindariak dira eguzki-loreen hazkuntzan, eta arian-arian ikasi dute, loreak berak irakatsi dienaren arabera, pixkanaka. Horregatik azpimarratu dute ahalduntzearen mezua: nahi bada, ahal da. "Maite duzun hori zaintzea eta ahalduntzea, horiek dira zabaldu nahi ditugun bi mezuak", adierazi du kideak.
news
argia-130eafba5686
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/irene-larraza-etxepare-institutuko-zuzendaria.html
"Munduko kultur institutu guztiekin parez parez aritu nahi dugu"
Lander Arretxea
2018-02-04 00:00:00
"Munduko kultur institutu guztiekin parez parez aritu nahi dugu" Etxepare Institutuko zuzendari berria da Irene Larraza tolosarra. Aurrez, sei urte eman ditu bertan, bestelako arduretan. Etxea ongi ezagutzen du. Miren Arzalluzek duela urtebete hasitako bidea jarraitzea egokitu zaio, baina nahi luke, lan horretan, bere eskua eta egiteko moduak nabaritzea. Itzalpean lan egitetik, periodikoetako titularretan agertzera. Aldaketa handia da? Bai, arlo pertsonalean bada saltoa. Azken sei urteetan lan taldean izan naiz, eta oraingoa desberdina da, erantzukizuna hartzen duzulako eta behartzen zaituelako beste erakunde batzuekin erlazionatzera. Bost urtez aritu naiz komunikazio arduretan eta horrek hurbiltzen zaitu gai eta alor gehienetara. Erakundearen nondik norakoen berri badut, beraz. Azken urtean aldiz, kultur zuzendariaren postuan aritu naiz. Horretan egokitzen nenbilela etorri da beste aukera hau, eta halaxe hartu dut. Urtebete eskas egin du Miren Arzalluzek karguan. Nabaritu da bere eskua institutuaren norabidean? Zuk berak hasitako bidea jarraituko duzu? Berak ere lur hartzeko denbora behar izan zuen, normala den bezala. Horren ondoren, lau helburu oinarri zituen plangintza proposatu zuen lau urtetarako: ikusgarritasuna hobetzea, beste erakundeekin koordinazioa, hazkunde kualitatiboa eta kultur diplomaziaren eremua lantzea. Denak ziren aurrez lantzen ziren eremuak, baina berak irakurketa berria eman zien. Hori da nik jaso dudan proiektua eta enkargua. Baina hori nola egin, horretan eragin ahal izango dut, eta nahi nuke nire ekarpena antzematea. "Egileak aktiboa dira, instituzioa zubia" dio zuen webguneak. Hala da praktikan ere? Beti dago zer hobetua. Lan-talde mugatua dugu, ez da oso handia, eta gure misioa, aldiz, amaiezina da. Beraz, nahitaez ildo batzuk lehenetsi behar ditugu. Urgentzia askori erantzun behar izaten diogu maiz, eta hala denean, baliteke batzuetan harremanak gutxiago zaintzea. Hor, esan bezala, badago zer hobetua: gertutasunean. Gertutasun hori praktikan jarri nahi nuke, izan dadila erraza gugana jotzea eta izan gaitezela gardenak. Aurretik ere harremana izan dut sortzaile eta sektore askotako jendearekin, eta pentsatu nahi dut horrek ere lagunduko digula gertukoago izaten. Uste dut hor egin dezakedala nire ekarpena. Tabakaleran egoitza izateak errazten du beste eragile edo sortzaile batzuekin elkarlana? Gogoratzen dut Tabakaleran hasi ginenean denok hartzen genuela ahotan "sinergiak sortu" espresioa. Nire buruari galdetzen nion ea hala izango zen, hitz asko oso erraz erabiltzen ditugu-eta. Baina egia da baietz, teilatupe berean egoteak harremanak asko errazten dituela. Nagusiki kanpora begira egiten duzue lan, eta akaso horregatik, nolabaiteko desinformazioa badago Etxepare Institutuak egiten duen lanaz… Gertatzen zaiguna da etxean Etxepare zer den azaltzeko ere denbora behar dugula. Ezin da hitz bitan esan. Azaldu behar duzu euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzeko erakundea dela; irakaskuntzaren bidez euskara zabaltzen duela; kultura sustatzeko diru-laguntzak ematen dituela eta azokatara doala; ahotsa ematen diola gure kulturari Europa mailako beste erakunde batzuen aurrean… Hori dena entzunda, ez zara ezerekin geratzen, luzeegia delako, baina halaxe da. Hori dena egiten dugu, eta hori dena gara. "Gaur egun sortzen dugunaren balioari eutsi behar diogu kanpoan zer garen erakusteko. Tradizioari uko egin gabe, noski" Globalizazio betean, gero eta gauza antzekoagoak egiten dira Mendebalde osoan. Nola ezaugarritu edo nabarmentzen da euskal kultura nazioartean, gehiegizko folklorismoan erori gabe? Gakoa sortzaileengan dago. Bertako sortzaileek badute maila nahikoa mundura joateko konplexurik gabe, diziplina guztietan gainera. Zoritxarrez, mundu globalizatua askoz gogorragoa eta hotzagoa da hizkuntza minorizatuentzat. Gure globalizazioa etxean bertan hasten da. Hizkuntza hegemoniko baten alboan bizi den hizkuntza batek badaki zer den hori urrutira joan gabe ere. Baina alde daukagu, euskarazko sorkuntzaz ari garenean, zerbait bitxia garela, interesa pizten duena. Asko harritzen dira euskaraz goazelako eskolara edo epaitegira, euskaraz egiten ditugulako filmak, euskaraz idazten dugulako. Uste dut gaur egun garenaren eta sortzen dugunaren balio horri eutsi behar diogula kanpoan zer garen erakusteko. Tradizioari uko egin gabe, noski, hori ere bagara-eta. Estaturik ez izateak, zailtzen du, pentsatzen dut, nazioartean euskal kultura eta euskal sortzaileak kokatzeko ahalegina? Bai behintzat zuek jorratzen dituzuen bideetatik. Mugatzen du, bai. Lana egin genuen Europako kultura institutu nazionalek osatzen duten EUNIC sarean egoteko, eta lortu dugu bertan estatu bat ordezkatzen ez duen lehenengo institutua izatea. Baina orain horren gidaritza daraman EUNIC global taldean sartu nahian gabiltza, eta estaturik ez izateak zailtzen digu. Baina hor egon nahi dugu, Espainia edo Frantziako institutuekin, eta beste guztiekin ere bai, elkarlanean baina parez pare aritzeko. Gero eta alor gehiago biltzen ditu kultura hitzak. Badu diziplina batzuekin harreman gehiago Etxeparek besteekin baino? Lehenesten dira batzuk? Uste dut hasieran egitura tradizional xamarra zuela Etxepare Institutuak, baina aldatu da pixkanaka. Jakina, literaturak toki handia du, hizkuntzarekin oso lotura estua duen neurrian. Gainontzean, badira diziplina batzuk oso modu naturalean landu ditugunak: musika, arte eszenikoak, zinea, arte plastikoak… Eta orain, azken urteetan, ari gara erreparatzen diseinuari, arkitekturari eta ondareari ere. Alor horiek gutxiago landu ditugu, eta uste dut badugula zor txiki bat. Diru-laguntzekin zer eta nola laguntzen den, beti da gai arantzatsua. Zein da zuen helburua horretan? Diru-laguntzak eta azokak, kasu gehienetan, sorkuntza profesionalean lanean ari direnentzat daude pentsatuta. Egia da badirela beste hainbat eragile eta sortzaile ez daudenak eremu profesionalean, baina ari direnak gauzak egiten eta kanpoan egon nahi dutenak. Horregatik, 2017an diru-laguntza bat berreskuratu genuen "kultura zabaltzeko deialdia" izenekoa. Helburua da formalki profesionalak ez diren sortzaileak laguntzea. Bestetik, hitzarmen, babes edo bestelako formulen bidez ere denetatik sustatzen dugu, baita profesionalak ez diren proiektu edo eragileak ere. Iaz, adibidez, 26 proiektu bultzatu genituen euskal eragileekin. Nahiko genuke, nola ez, diru gehiago izan gehiago banatu ahal izateko. Hori ere hala da. "Estaturik ez izateak zailtzen digu EUNIC global taldean sartzea Europako beste kultura institutu nazionalekin" Txanponaren beste aldea da askotan diru-laguntza, programa eta antzeko politikek zer eta nola sortzen den baldintzatzen dutela… Guk ez ditugu produkzio laguntzak ematen, mugikortasunekoak baizik. Beraz, edukietan eta abar, ez dugu interferentzia handirik. Ez dugu produkzioa baldintzatzen. Irizpideetan, baloratzen da eskarmentua, aurkezten ari den lanaren oihartzuna… Euskarari ere toki handiagoa egin diogu. Lehen bost puntu ematen ziren euskaraz ziren lanak babesteko, eta 2017tik aurrera aldiz hamar. Euskal kulturaren sustapenari egiten dion ekarpena eta Etxepareren helburuekin bat egitea ere baloratzen dugu. Kanonizazioa ere izan daiteke arrisku. Literaturara etorrita, izen gutxi dira nazioartean nolabaiteko sona dutenak: Atxaga, Uribe, Cano… Egia da, aniztasuna egon dadin esfortzu handia egiten badugu ere, izen batzuk errepikatzen direla gure programetan. Baina bere azalpena badu. Batetik, badira autore batzuk berez badutenak nazioarteko dimentsio hori, eremu hori landu dutelako, eta dagoeneko itzuliak izan direnak hainbat hizkuntzatara. Guk ez ditugu sustatzen urrunago iritsi direlako, baina toki askotatik autore horiek eskatzen dituzte. Bestetik, batzuetan eskatzen dizkigute ingelesez edo frantsesez mahai-inguruetan hitz egiteko gai diren idazleak, eta autore guztiak ez dira horretara ausartzen. Hala ere, uste dut autore horiek bide bat irekitzen dietela atzetik datozenei, euskal literatura badela erakusten dute. Zentzu horretan, genero oreka zaintzen saiatzen da Etxepare Institutua? Saiatzen gara, badago borondatea. Proportzioetan, mugitzen ditugun emakumeak asko dira, nahiz eta kuota edo antzekorik ez dugun. Orain ari gara iazko lana aztertzen, eta diagnostikoa egiteko, genero adierazleak txertatu nahi ditut nik. Emaitzen arabera ikusiko dugu zein neurri hartu behar ditugun. Itzulpenak sustatzea da institutuaren lehentasunetako bat. Literaturari dagokionez, ez al da gutxi beste hizkuntzatara itzultzen dena? Itzultzea baino, zaila dena editatzea da. Hainbat estrategia probatu ditugu hori laguntzeko, baina kanpoko editoreek, oro har, ez dituzte erakundeak nahi tartean; bertako editoreekin harremanetan jarri nahi dute zuzenean. Orain arte landu diren bide batzuk ez dira akaso eraginkorrenak izan, eta bide berriak aztertu nahi ditugu. Gure lana euskal idazleen lana ikusaraztea da, baina sektorearekin elkarlanean egin beharreko zerbait da. 35 "irakurle" eta zortzi katedra ere badira munduan zehar, euskal ikasketak eta euskal kultura zabalduz. Sortzen du interesik? Interes hori landu egin behar da. Boise bezalako toki batean, adibidez, errazagoa da; beste batzuetan ez horrenbeste. Baina irakurletzak sortzeko dinamikak asko du proaktibotik. Kanpoko unibertsitate batean, arrotza den hizkuntza eta kultura batekiko interesa sortzen du. "Irakurle" esaten diogu bertan dagoenari, baina praktikan, irakasle lana egiten dute, eta ahalegintzen gara ikasgai hori curriculum akademikoan sartzen. Hasieran esandakoekin lotuz, uste dut lan horretan ari direnekin harreman estuagoa izatea badela erronka bat. Lan bakartia izan daiteke, mundua oso zabala da, eta guri dagokigu saretzeko lan hori goxotasunez eta gertutasunez egitea. Nobedade handi xamarra ere badugu aurten: Euskal Etxeetan euskara irakasteko Euskara munduan programa HABEk kudeatu du orain arte, eta hemendik aurrera Etxeparetik kudeatuko dugu. Beste ildo bat da, kasu honetan, euskararen irakaskuntzarekin lotuagoa.
news
argia-f336bd143bef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/argia-sariak-2018.html
Hizkuntzak batzen dituen sari anitzak
Itsaso Zubiria Etxeberria
2018-02-04 00:00:00
Hizkuntzak batzen dituen sari anitzak http://www.argia.eus/albistea/argiako-kideen-sarrera-hitzaldia13:30ak aldera heldu garenok tartea izan dugu Usurbilgo Atxega Jauregiaren atarian ardo baten laguntzaz aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta orduantxe ezagututakoekin hitz-aspertu txiki bat egiteko. Abisua pasa digute barrura sartzeko garaia dela, eta aurten mahaikide nor izango ditudan begiratzeko asti labur bat hartuta, sartu naiz; egunaren kronikatxoa egin behar dudan aitzakian normalean tokatzen ez zaidan moduko bazkari ederraz gozatzera. Olatz Korta lankideak egindako aurkezpenarekin sartu zait lehen zalantza. 29. ARGIA Sariak esan du. "Zer kristo kontatu behar dut nik kronika honetan? Ni baino zaharragoak dira-eta sari hauek", pentsatu dut. 29 urteotan nahikoa kontatuta egongo da ARGIA Sariez! Beraz, irakurle, sari hauetako protokolo guztiak nola funtzionatzen duen ziur asko nik baino hobeto jakingo duzunez, nik xume-xume kontatuko dizut nire begiek eta belarriek jaso dutena. Euskal Kulturaren Gailurra dirudite mahai batzuk, gai sakon eta garrantzitsuz hitz egiteko gune. Ni ez naiz horrelako lekuen bereziki zale, eta nire zorionerako, jauregi osoan zegoen ingeles bakarra tokatu zait alboan. Ingeles euskalduna! Eta harekin aritu naiz solasean gustura asko. Euskara irakasle lanetan dabilenari interesatzen zaio zerk motibatu zuen ingeles  bat gure hizkuntza ikastera, eta horretaz jardun gara; edo baita Euskal Herriko hedabideek bezala erakundeek euskarari ematen dioten garrantziaz (edo garrantzi ezaz). Lagun anglosaxoi-euskaldunak eman dit kronikarako pista. Hizkuntzak batzen gaitu Atxegan elkartutako guztiok, eta sariek eta saridunek ere horixe dute oinarri. Ez aurten bakarrik; urteak joan, eta urteak etorri, 29 urtez. Eta jabetu naiz zer arlo diferentetan lortzen den euskara oinarri izatea, eta zer arlo diferentetako lagunei banatzen zaizkien sari hauek. Estitxu Eizagirrek bere diskurtsoan ondo esandako esaldi batek dioen bezala: jakin ala ez jakin, ez delako berdin. Zorionak saritu guztiei.   Balioetan oinarritutako sariak Euskal kultura eta euskara lau haizetara zabaltzeagatik (dela musikaren edo kirolaren bidez), berdintasunean gizarte justuago bat lortzeko ahaleginengatik, ingurumena errespetatu, babestu eta informazioa zabaltzeagatik, eta mundu honi kolorea eta irribarrea jartzeagatik banatu dira 2018ko ARGIA Sariak.   PRENTSA "Harmaila" aldizkaria Ez da urtebete ere pasa Harmaila kiroletako euskal komunikabideak sarean ateak ireki zituenik, eta prentsa idatzian lehen aldizkaria argitaratua du dagoeneko. Lasai, patxadaz irakurtzeko kirol-prentsa egitea dute helburu, "egunerokotasuneko albisteetatik eta betiko jokoetatik pixka bat aldendu eta kirola aztertzea da Harmaila ren xedea", dio Eñaut Barandiaranek, hiru editoreetako batek. Euskara hutsean. Kirola eta euskara uztartzen dituen euskarri baten beharra ikusi dutelako egin dute proiektu honetara salto. Kirola patxadaz aztertzeak ematen die beste begi batzuekin begiratzeko aukera. Kirola berdintasunean lantzeko eskatu nahi diote harmailari, futbolaz edo esku-pilotaz gain beste hainbat kirol ere ezagutarazi. Eta papereko lehen zenbaki horretako editorialean adierazten duen moduan "kirola politikarekin nahasian" egon ohi dela diote, batez ere profesional-mailan oso kritikagarriak diren zenbait jarrera badirela, baina plazaratu nahi dituztela, baita ere, kirolak dituen eta gizartearentzat baliagarri diren beste balore batzuk. Saridunak: Aitor Manterola, Eñaut Barandiaran eta Iñaki Berastegi. Argazkia: Dani Blanco. IRRATIA "Ekosfera" irratsaioa 8 urte. 350 programa. 500-700 gonbidatu. Horiek dira Jokin Aldazabalek Euskadi Irratiko Ekosfera saioaz eman dizkigun datuak. "Oso pozik jaso genuen sariaren berria; gurea bezalako programa txiki eta apalak ARGIA Saria jasotzea eskertzekoa da", adierazi du Aldazabalek. "Baina meritua beste askorena ere bada, jende askori eman behar dizkiogu eskerrak, eta ez ditut ahaztu nahi Arantza Txintxurreta, Kristina Zuza eta Josu Lopez Gazpio kolaboratzaileak", jarraitu du. Energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak, ura, ibaiak, lurrikarak edo tren lasterra bezalako gaiez aritzen dira saio hauetan; eta azken mendean egindako txikizioak ikusirik, sarri kutsu katastrofista izan dezakete gai hauek. "Gizakiarekin errukiorra izan nahi dut, genetikoki momentuko emozio eta sentsazioek bideratuta jokatzen baitu, bere erabakiek izango dituzten ondorioak ondo ezagututa ere erabaki berarekin jarraitzen baitu. Baina guk ingurumenaren, energiaren arloetan mundu hobexeago bat izan eta ondorengoei uzteko ahalegintxoak egiten ari direnei eman nahi izaten diegu tartetxoa", azaldu digu sarituak. Sariduna Jokin Aldazabal. Argazkia: Dani Blanco. INTERNET Gabi de la Maza (txantxangorria.eus) Jaso dezala eskua Youtuben Txantxangorriaren karaokerako euskal kantaren bat sekula erabili ez duenak. Gure euskal mundu honetan inor gutxi topatuko dugu. 2.200dik gora abesti azpidatzi ditu. Baina nola hasten da norbait horrelako lana hartzen? 37 urtez irakasle aritu da de la Maza, orain hiruzpalau hilabete erretiratu da, eta berak kontatzen du ondoen Txantxangorriaren ibilbidea: "Euskal Girotze Barnetegiak antolatzen hasi zen Hezkuntza Saila B ereduko nerabeak eskolaz kanpo modu informalean euskarara gerturatzeko. Astebeteko barnetegi hauetara gure ikasleekin joaten ginen, eta euskal musika zen nire tresna garrantzitsuetako bat. Youtube sortu aurretik hasi nintzen abestiak karaokeatzen, baina 2008tik aurrera hasi nintzen Youtube-ra igotzen". Hamar urte hauetan euskal kantagintzako abesti historikoetatik hasi eta azken berrikuntzetaraino jarri ditu azpidatzita denon eskura. Gabi de la Mazak ez zuen berehalakoan pentsatuko, ikasleak motibatzeko material hau sortzen hasi zenean, 2017an euskaraz gehien bisitatu den kanala izango zenik! Gabi de la Maza. Argazkia: Dani Blanco. IKUS-ENTZUNEZKOA Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena ETBn "Pozez" hartu dute Uxue Alberdik eta Aitzol Barandiaranek ARGIA Saria, Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiari egindako jarraipen-lanagatik. Jarraipen zabala egin zaio telebista publikoan txapelketa nagusiari, eta "esfortzu eta ahalegin handia" izan dela aitortu du Barandiaranek, baita "arriskuak hartu" dituztela ere. "Programaren pisua edo mamia Uxuek eraman du, nik saioaren gidari-papera hartu dut", aitortu digu, eta eskertzekoa da rol ohikoetatik atera eta ikusleari aditu emakumea eskaintzea. Bertso-saioak beste begi eta belarri batzuekin ikus-entzuteko tresnak eskaini dituzte, egindako lana baloratzeko gakoak eman dituzte, azaldu dute artista zer egoeraren aurrean zegoen eta horrek zertan baldintzatzen zuen bere sormena... Langintza ulertzeko azalpenak eman, eta bakoitzaren ezaugarriak definitu dituzte. "Asko eta ondo busti da Uxue, errespetuz, eta lan bakoitza modu zintzoan baloratuz. Eta muga irristakor horretan kritika zintzoak egin ditu", azpimarratu du Barandiaranek. Emankizun hutsa egitetik urrun, gaian aritutako bi gazteek egindako lana saritu du ARGIAk. Uxue Alberdi eta Aitzol Barandiaran (Arg: Dani Blanco). SUSTAPENA Iruñeko Udala, Berdintasun Saila "Eraso sexistarik ez, Iruñea aske". Horixe izan da Iruñeko Udalak hainbat gizarte eragilerekin eta talde feministekin elkarlanean egindako 2017ko Sanferminetarako estrategia komunikatiboa. Eta horixe bera da sustapen ARGIA Saria jasotzeko arrazoia. Jaiak gozatzeko dira, kalean gora eta behera ibiltzeko, jende berria ezagutzeko, ligatzeko, dantzatzeko. Baina gizartearen erdiak sarri neurriak hartu behar izaten ditu inongo gizonek festa izorratu ez diezaion. Eta badakigu zer diren Iruñeko Sanferminak. Nolako fama hartu duen azken urteetan Nafarroako hiriburuak jaietan. "Legerik gabeko hiria". Urteak daramatzate, ez Iruñean bakarrik, mugimendu sozialek eta talde feministek eraso sexistak salatzen, eta Iruñean hasi dira gizarte mugimenduari eskutik helduta erakundeak ere lanean. Hasi da panorama aldatzen, "eraso sexistarik ez!" lelopean esku gorriak ezagun egin dira kale, taberna eta txosnetan, eta jada ez da horren erraza legerik gabeko hiria dela esatea. Egiteko lan handia badago ere, pauso bakoitza da garrantzitsua. Sustapen ekintza saridunak: Zaloa Basabe eta Vanesa Eguiluz. Argazkia: Dani Blanco. MEREZIMENDUZKOA Pirritx, Porrotx eta Marimotots 'Lasarte-Oria berreuskaldundu dezagun' euskara elkartearen bueltan sortutako pailazo taldea da. "Poesia gutxi eta ekintza asko zegoen orduan, izenak berak ondo adierazten du" azaldu du Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'ek. Euskalgintzaren bueltan 1987an martxan jarri zen talde honek 30 urte bete ditu pasa den abenduan, eta merezimenduzko saria jaso dute. "Oilo-ipurdia jarri zitzaigun sariaren berri izan genuenean. ARGIA euskaldunontzat erreferentzia da, eta gertuko sentitzen dugu. Herrigintzan aritzen gara biok, eta euskara dugu baloreak transmititzeko tresna. Txikien arteko enpatia eta elkarlana ere esan nahi du guretzat sari honek", adierazi du. "Pailazogintza klasikoan jaio ginen, baina pixkanaka herrigintzari begira sortu dugu, gai sozialei begira. Abiadura azkarregian doan mundu honi kolore pixka bat eman eta baloreak mantentzea da gure helburua", esan du Agirretxek. Eta ez ditu ahaztu nahi izan urte hauetan guztietan eurekin lanean aritutako kolaboratzaile, musikari, abeslari eta bidean izan dituzten lagun guztiak. Pirritx, Marimotots eta Porrotx (Aiora Zulaika, Mertxe Rodriguez eta Joxe Mari Agirretxe). Arg: Dani Blanco MEREZIMENDUZKOA Bakearen Artisauak Herri honen lorpen handi bat izan da 2017an, armagabetzea. Armagabetzea bi estatuek saboteaturik zuten arren, Bakearen Artisau bihurtu ziren herritarrek lortu zuten desobedientzia zibilaren bidez lehen armak deuseztea. ARGIA Sarietan komunikazio lana saritzen dugu, eta ez ote da komunikazioa izan, armagabetzearen ezinbesteko giltza? Bakearen Artisauek, Luhuson poliziak atxilotu aurretik, herritarrei komunikatu zieten zein zen bakearen alde burutzen ari ziren ekintza eta helburua. Herritarrek ongi ulertu zuten mezua, eta Frantziako hedabideek ere, gaiarekiko bestelako ikuspegiak zabaldu zituzten. Bakearen Artisauek erabateko zilegitasuna eta horrekin batera askatasuna lortu zuten komunikazio horri esker. Ondoren ere, ez ote zen giltzarria izan Frantziako familia politiko erabat ezberdinen artean komunikazioa diskrezioz eta konfiantzaz landu izana, Frantziako Estatuak jarrera aldatzea lortzeko? Alegia, Baiona ardatz hartuta herritarrek egun argiz eta modu publikoan desarmea burutu zutenean, estatuaren errepresiorik ez jasotzea lortzeko? Mixel Berhokoirigoinek Bake Artisauen izenean jaso du saria. Argazkia: Dani Blanco. ARGIAko kideek Argia Sarietan egindako sarrera-hitzaldia lotura honetan daukazue .
news
argia-57b2c2e622e7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/ikara-pazifikoan-eraso-atomikoa-iragarri-dute-hawaiin-ez-kasualitatez.html
Ikara Pazifikoan: eraso atomikoa iragarri dute Hawaiin... ez kasualitatez
Pello Zubiria Kamino
2018-02-04 00:00:00
Ikara Pazifikoan: eraso atomikoa iragarri dute Hawaiin... ez kasualitatez Urtarrilaren 13an, larunbata, beren bizitzako estutasunik larriena jasan zuten Hawaii uharteetako herritar askok, Ozeano Barean. Ipar Koreak bere mehatxua gauzaturik misil atomikoa bidalita, Hawaiira bidean zela abisatu zieten agintariek. 30 minutuz iraun zuen alarmak, harik eta agintariek argitu zuten arte simulazio batean gertatutako hutsegitea izan zela. Litekeena da, hala ere, hutsegitea baino zerbait gehiago izatea, munduak bizi duen arma atomikoen norgehiagokaren erdian. Hawaiiko herritarrek larunbat eder hartako goizeko 08:07etan jaso zuten mezua telefonoetan: " Emergency Alert BALLISTIC MISSILE THREAT INBOUND TO HAWAII. SEEK IMMEDIATE SHELTER. THIS IS NOT A DRILL ". Euskaraz: Larrialdi alerta, misil balistiko bat Hawaiira bidean, ez da simulakro bat. 38 minutu luze pasa ziren agintariek bigarren mezua, oraingoan lasaigarria, zabaldu zuten arte:  "Hawaii estatuarentzako inolako mehatxu edo arriskurik ez dago. Berriro diogu. Alarma faltsua". AEBetako armadaren baseetako militarrak azkar jabetu ziren arren erasorik ez zela, herritarrei luze jo zieten 38 minutu horiek . Batzuek lasaiago hartu zuten arren alarma sirenak piztu ez zirela jabetuta, beste asko saiatu ziren beren buruak babesten ahal bezala, autoetan zihoazenek tuneletan edo lurpeko parkingetan babestuz, aterpe nuklearren bat zutenek hartan sartuz... Hawaiiko unibertsitatearen Manoako fakultatean ikasleak ahalegindu ziren aterpe nuklearretan sartzen, baina itxita aurkitu zituzten, funtzionarioek giltzarik aurkitu ezinda. Boston Globe egunkarian Allison Wallisek kontatu du Hawaiiko Ohau uhartean berak bizi izan zuena: "Hawaiin ama izatea 38 minutuko beldur nuklearraren erdian". Hondamendiak ez zaizkie arrotz hawaiiarrei, urakanak ez badira uholdeak, eta askok dauzkate etxeetan larrialdietarako kitak, "baina 36 urte dauzkat eta gerra nuklearren mehatxurik gabeko mundu batean hazi nintzen", dio Wallisek. Senarra lanean zuen. Alaba txikiaren bila joan zen lorategira: "Zoaz gora, maitea, azkar, oraintxe. Hartu zure burkoa, sartu bainugelan, ireki iturria eta bainu ontzia betetakoan itxi berriro. Eseri bazter batean eta niri itxaron. Adoretsua izan behar duzu. Berehala noa". Haurrak ez zuen negarrik egin, baina zuri-zuri zegoen, ikaratuta bere pijama barruan. "Ama, baina zer gertatzen da?". Amak zakurra lotu zuen bainugelara eramateko, alabaren txintxilla maskota bere gordelekuan sartu, eta bidean txokolate barra batzuk batu zituen, etxean inprobisatutako babes lekuan kaloria azkarren beharra izango zutelakoan. Bainugelan amak alabari, lasaitu nahian, galdetu zion ea eskolan aipatu zieten Dug and Cover (makurtu eta babestu) ipuina: Gerra Hotzaren urteetan eskoletan eraso nuklearren aurrean nola jokatu irakasteko marrazki bizidunez gobernuak hornitutako Dug and Cover azaltzen zitzaien umeei. Betiko galdutako kontuak ziruditen. "Baina ama, zertan ari gara? Mesedez, zer ari da gertatzen?", galdetzen zuen neskatoak. Gurasoek ez zioten politikaz hitz egiten, lehendakariaz ere ez, hartaz gauza on gutxi daukate kontatzeko eta ez dizkiote beren beldurrak pasatu nahi. "Maitea, badakizu batzuetan herrialde batzuk borrokan hasten direla beste batzuen kontra, horixe da gerra. Gure lehendakaria liskarretan aritu da beste batekin eta honek misilak dauzka. Badakizu zer den misil bat? Orain esan digute beste herrialde horrek misil bat bidali duela Hawaiira. Gure militarrek hura lehertu artean nonbait  babestu beharra daukagu, badaezpada". Haurrak baietz eta ea aita non den. Etxera bidean dela. Halako batean iritsi da senarra etxera, uhartearen beste muturretik autoa ero moduan gidatuta. Tragoa galanta, eta beldurra. Eta telefonora heldu zaie mezu berria, alarma faltsua izan dela. 38 minutu luze ziren pasatuak. Ordu batzuk geroago idatzi zuen Allisonek Boston Globe rako artikulua: "Senarrak eta biok erabaki dugu larrialdiko kita prestatzea. Iodoa nola erosi ere enteratu behar dut. Alabarekin hitz egingo dugu eta familia osoa simulakroak egiten hasi". Nor da gaur gerra atomikoaren beldur? Ipar Korearen eta AEBen arteko tentsioa Donald Trump lehendakari denez geroztik berotu ahala, eraso atomiko baten beldurra ere areagotu da AEBen 50. estatua den eta base militar oso indartsuak dauzkan Hawaii artxipelagoan. Hainbat misil jaurti ditu azken aldian Ipar Koreak, azkena joan den azaroan, eta adituek uste dute Piongiangetik 7.400 kilometrotara dagoen Hawaii kolpatzeko gai dela. Ipar Koreak misil atomiko bat jaurtitzekotan, hawaiiarrek 12-15 minutu edukiko lituzkete beren buruak babesteko eztanda baino lehen. Zer gertatu zen benetan urtarrilaren 13an, hawaiiarrak alarma faltsuz ikaratzeko? Agintariek azaldu dutenez, militarrak simulakro batean ari ziren eta ofizial batek hanka-sartze batean bere hatzaz okerreko botoiari sakatu zion. Zenbait adituk ez du erabat sinesten bertsio hori: batetik Trumpen gobernua nazioartean gerra giroa berotzen eta bestetik ipar korearren misil jaurtiketen aurrean Hawaiin behin eta berriro simulakroak egiten; urtarrilaren 13koa sasi-simulakro sofistikatuxeagoa izatea ere ez da pentsa ezinezkoa, alegia, populazioa garai berrietara egokitzeko operazio bat gehiago. Bitxia da hedabide nagusiek zein oihartzun txikia egin dioten gertakizunari. " Kazetariak eta era zabalagoan hedabideak arma nuklearren gaiak lantzeari dagokionez huts egiten ari zaizkio jendearen interesari ", idatzi du Marie McInerney australiarrak Croakey hedabidean. McInerney ICAN Arma Atomikoak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina ko kidea da eta nabarmendu du erakunde horrek, Nobel saria irabazi berria duen arren, salatzen duen arriskua herritarrei iristeko hesi gogorra aurkitzen duela aurrean. "Zera egon liteke –dio McInerneyk– hedabideek gaiok baztertzeko daukaten joeraren oinarrian: disuasio nuklearraren teoria onartzen eta are sustatzen ere dutela. Teoria hori [nuclear deterrance ingelesez] funtsean demostratu gabeko sineste bat da, alegia, arma nuklearrak hain ikaragarriak direnez, horrek berak behartzen dituela armok dauzkaten potentziak elkarri ez erasotzera, biak suntsituta geratuko liratekeen beldurrez". Badirudi iritzi publikoaren baitan lasaigarri suertatu dela disuasio nuklearraren ideia. ICAN Nobel sari eta guzti arma nuklearrak debekatzeko egiten ari den kanpainak ez du beste munduko zalapartarik pizten eta potentzia nuklearretako herritarrak –Bidasoaz bi aldeetako euskaldunok barne– ez dira kalera atera beren estatuek uko egin diotenean debekuari. "Ba al dago, ordea, gerra atomiko baten arriskurik?" harrituko zaizu herritarrik informatuena ere . Frantzisko Aita Santua da alarma deia zabaldu duen salbuespenetakoa. Hego Amerikara egin duen bidaian azaldu die bere kezka kazetariei: "Benetan beldurrez nago. Muga-mugan gaude. Aski da  gorabehera bat gertatzea gerra lehertzeko. Ezin dugu jokatu egoera larriagotzeko arriskuarekin. Horregatik, arma atomikoak suntsitzea derrigorrezkoa da". Kristauek ere entzun ote diote?
news
argia-6f6ee0fe324e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/analisia.html
Maite zaitut, nik ere ez
Mikel Asurmendi
2018-02-04 00:00:00
Maite zaitut, nik ere ez Hegoaldean, euskara abagune bi hauen artean bizi da: Joxan Artzeren "euskara galduko da dakigunok ez dugulako egiten..." eta Bitoriano Gandiagaren "euskaraz egiten ez duenak berak jakinen du zergatik ez duen egiten, baina egiten ez duenak ez dit euskaraz egiten uzten".    Iparraldean, berriz, euskara aztergai  dugu azken bulta honetan, BAM barrutian, besteak beste. Bidasoaz goitiko euskararen egoera bestelakoa da, legez eta bestez. Egoera hau zailago zait deskribatzea. Euskara kontu soziala izateaz gain, kontu psikologikoa iruditzen zait Iparraldean. Mendialdeko herrixka bateko irakasle batek honela erran dit berriki: "Aitatxi-amatxi euskaraz mintzo zaizkie bilobei, eta hauek frantsesez erantzun. Gurasoak lorietan daude, beren haurrek euskaraz hitz egiten dutelakoan…". Aspaldi gabe, "euskal arazoa" hizpide, Ipar eta Hegoaren arteko aldeaz mintzatzean "muga psikologikoa" adierazpidea erabili zen. Barregura ematen zidan, "arazoa" bi hitzetan ebazten baitzen. Orain, euskarari dagokionean pentsu dut "kontu psikologikoa" izatera iritsi ote den.   Euskara orain gutxira arte ez da eliteen hizkuntza izan, ez Hegoan, ez Iparrean. Tira, Iparraldean lekutan dago horrela izatetik. Frantziak "inprimatutako" hezkuntzak euskararekiko glotofobia txertatu du herritarrengan, bai euskarekikoan bai frantsesez "dorpeki" egiten dutenekikoan. Euskal Elkargoa eratu zenetik urte bat joan da. Inork uste al du erakunde horren goi-karguek –gehienek– euskarak frantsesaren maila berekotzat –eskubide berekotzat– dutenik? Bada hala bada, bera ez da hemen bizi, edo ni "ez naiz hemengoa". "Horren frogarik?", galdatu ahal dit norbaitek. Nire froga ez da inkesta soziologiko baten parekoa, bistan da. Bizi naizenaz mintzo naiz. Eta ez naiz abertzalea ez denarekiko esperientziaz ari, abertzaleez baizik. Ez nirekiko jardunean, prefosta, euskalduna –abertzale izan edo ez– nirekin euskaraz mintzo baita. "Faltaria plus!". Ez, ez… "Eliteko" euskaldunak "frantximent"-arekiko egunero izaten duen jardueraz ari naiz. Menpekoa erabat. Errepublikak (in)kontziente kolektiboan sarraraziko glotofobia- ren adierazle. Dena den, bidenabar, bejondeizuela euskararen alde adorez diharduzuen guztiei: ikastoletan, gau-eskoletan, irratietan, bortuetan nola BAMen euskaraz ari zaretenei. Ene oniritzia duzue, ezbairik gabe. Nork bere afrontua bizi du. Nik euskararen egoera Iparraldean eskizofrenia suerte baten gisara bizi dut. Serge Gainsbourg eta Jane Birkinen Je t'aime… moi non plus kantaren harian eta zurrunbiloan. Hots, "maite zaitut, nik ere ez". n
news
argia-ba4155b8494a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/euskal-eliteen-menpe.html
Euskal eliteen menpe
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2018-02-04 00:00:00
Euskal eliteen menpe Berriki jakin ditugu euskal hezkuntzaren emaitza kezkagarriak. Duela luze ez dela, PISA txostenak (Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programak) eman zigun lehen zaplaztekoa, emaitza oso kaskarrak lortu zituztelako gure ikasleek. Izan ere, sinetsarazi ziguten Eusko Jaurlaritzatik hemengo irakaskuntza oso maila gorenekoa zela,  Espainiako Estatuan "oasi" bat, baina emaitza txar horiek dagokigun lekuan jarri gaituzte. Ez da harritzekoa emaitza horien zergatia. Ez dugu ahaztu behar 2009tik hona izugarrizko murrizketak pairatzen ari direla gure hezkuntzako aurrekontuak. Diru publiko gutxi dago hezkuntzarentzat, are gutxiago hezkuntza publikoarentzat, nahiz Jaurlaritza babesten duten propagandistek alderantzizkoa sinetsarazi nahi diguten. Alferrik ordea, datuak hor baitaude. Duela zenbait hamarkadatik hona, sinetsita geunden hezkuntzak etorkizunerako aukeretan berdintasuna eskainiko zigula eta langile xume baten seme-alabek aukerak izango zituztela edozein lanpostu eskuratu ahal izateko. Berdin zela txiro edo aberats jaio, hezkuntzak norbanako bakoitza maila berean ipiniko zuelako. Politika horren ondorioz estatua edo gizarte kapitalista legitimatu zen, baina gezur handi hori azalduz joan zaigu etengabe gure gizartean eta dirudunen ondorengoak eliteko ikastetxe, institutu, lizeo eta unibertsitateetara joaten diren bitartean, langileen seme-alabei zentro masifikatu eta arruntetara joatea besterik ez zaie geratzen. Eliteko ikastetxe hauetan familia aberatsen arteko harremanak sendotzen dira eta biharko egunerako erraztasunak landuko dituzte, lanpostu egokiak erdiesteko bideak zabalduz. Gure ikasleak iristen dira unibertsitateetara eta tamalez, irakurpen maila ezin baxuagoa dute, ulermen maila arras apala eta mintzatzeko eskumen urria. Ez da harritzekoa, beraz, ez jakitea nor zen Gero idatzi zuen euskal klasikoa, edo Einsteinek zer landu zuen edo euskara batuaren sustatzaile nagusia Txillardegi izan zela Bidenabar Finlandiako hezkuntza sistema aipatzen zaigu etengabe. Alta, Finlandiako hezkuntzarako aurrekontua imitatu ordez, hemengoa murriztu egiten dute; irakasle hoberenak hautatzeko frogak bideratu ordez, edonor bilakatu daiteke maisu-maistra; ikasgelako ikasle kopurua murriztu ordez, handitu egiten da 35-40era heldu arte; gizartean maisu-maistrak indartu eta adoretu ordez, jasotzen dituzten tratu txarren aurrean, hezkuntzako erantzuleek beste aldera begiratzen dute; gaixotutako irakaslea bat-batean ordezkatu ordez, bi-hiru egun gainontzeko irakasleen esku uzten da ardura hori; laguntza berezia behar duten ikasleen ardura, batik bat, gurasoen esku uzten da. Eta diru publikoa egon badago zenbait jardueratako: Espainiako Defentsa, Seguritatea, Erret Etxea, Kanpo Aferetako gastuak edo zor publiko estatala ordaintzeko; gainera, San Mames Barria, Anoeta, arrazionaltasun gabeko AHT, Donostiako metroa eta abar ordaintzeko dirutzak hor daude. Bien bitartean, 2009ko hezkuntzako gastu orokorrak, orain arteko garaienak, 2.832 milioi euro izan ziren eta 2018koetan ez da maila horretara iritsiko, 2.665 milioi euro izango baitira. Egoera horretan, gure ikasleak iristen dira unibertsitateetara eta tamalez, irakurpen maila ezin baxuagoa dute, ulermen maila arras apala eta mintzatzeko eskumen urria. Ez da harritzekoa, beraz, ez jakitea nor zen Gero idatzi zuen euskal klasikoa, Einsteinek zer landu zuen edo euskara batuaren sustatzaile nagusia Txillardegi izan zela. Azken bolada honetan, gardenki azaltzen ari zaigu problematika hau guztia hezkuntzako sindikatuen bidez. Horregatik, gurasoek eta sindikatuek bat egitea derrigorrezkoa dakusat hezkuntza sistema hobetze aldera. Bestela, euskaldunon etorkizuna iluna izango da. Finean, gure agintarien seme-alabek prestigiozko zentroetan ikasten duten bitartean, matrikula garestiak ordainduta, bost axola bazaie herritar xumeen ondorengoen hezkuntza maila, morrontzarako seme-alabak prestatzen ariko gara. Haatik, badugu zertaz arduratu.
news
argia-9ca73a23117d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/herbizidei-gerra-biologikoa.html
Herbizidei gerra biologikoa
Jakoba Errekondo
2018-02-04 00:00:00
Herbizidei gerra biologikoa Plastikoak jaten dituen har baten berri eman dit lagun batek. Eta ez dut gustuko gaia. Egundaino bezala. Aitzakia ederra ematen zaie plastikoa gehiago egin nahi dutenei. Ez da alternatibak sortzen indarrik jartzen, segi plastikoari aurrerabidea ematen! Antzeko beste gai bat dakarzut gaur: onddo batena. Euskal Herrian ezaguna dugun onddo batena. Ziza hankaurdina edo oinurdina deitzen dena, Clitocybe nuda. Zenbaitek beste izen batzuk ere erabiltzen dituzte: Lepista nuda, Rhodopaxilus nudus, Tricholoma personatum var. nudum eta abar, baina ez noa mikologoen sagardotegian sartzera... Ziza hankaurdina perretxiko jangarria da. Udaberrian koniferoen sailetan hazten da gehienetan, baina baita hostozabalenetan eta bien inguruko belazeetan. Ingalaterran, Frantzian eta Herbehereetan ekoitzi egiten dute, baina agidanean ez da basatia bezain gustagarrizkoa. Gustukoa edo ez, ziza honek lurreko materia organikoa desegin eta jaten du. Lan hori entzima batzuekin egiten du: lakasak. Bazkaz gain entzima horiek ikaragarrizko gaitasun berezia ematen diote perretxikoari: agronomia ustez aurreratuenak, hau da, kimikoenak eta kutsatzaileenak sortu dituen gaizkile kriminal txarrenetako batzuk andeatzen ditu, degradatu. Jeneral militar bat kaporal ziztrin bat bihurtzea bezala. Zizak, entzimen medioz, pestizidak, herbizidak eta koloreztatzaile sintetikoak andeatzen ditu. Bereziki munduan gehien erabiltzen den herbizida, glifosatoa, eta ehungintzan erabiltzen diren koloreztatzaileak. Koloreztatzaile horiek ikaragarrizko kaltea sortzen dute ingurumenean; eta glifosatoaz zer esango dizut... Beste perretxiko batzuk ere –adibidez larruki koloreanitzak ( Trametes versicolor ) eta belarri landuak ( Pleurotus ostreatus )– antzeko lana egiteko gai ote diren ikertzen ari dira. Erein dezagun ziza hankaurdina gure baratzeen eta soroen inguruetan. Lurra garbituko digute, eta guri bazka eman. Baina nekazaritza kapitalista egiten dutenentzako koplarik gabe, aurrera jarraitzeko ez diezaiela aitzakiarik eman.
news
argia-1e11354d55e2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/alzheimerra.html
Gaitza ezagutzeak ematen duen indarra
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2018-02-04 00:00:00
Gaitza ezagutzeak ematen duen indarra Konponbiderik ez duen garuneko gaitz degeneratiboa da alzheimerra. Pairatzen duen pertsona orok 24 orduz zainduko duen norbait behar du. Begoña Rodriguez da gaixoaren alboan dagoen pertsonetako bat. Duela ia hamar urte diagnostikatu zioten alzheimerra Begoña Rodriguezen senarrari. Hasieran kolpe handia jaso zuen; ezin sinetsi, ezin onartu. "Eta nola egin honi guztiari aurre?", galdetzen zion bere buruari. "Egoera gaindiezina zaizula konturatzen zarenean laguntza eskatzea erabakitzen duzu". Senarra gaixotu eta urte erdira AFAGI elkartera jo zuen, gaixoen eta zaintzaileen bizitza kalitatearen defentsan lan egiten baitute. "Harrera zoragarria izan nuen. Lehen egunetik sentitu nuen lagunduko nindutela eta lasaitu handia hartu nuen. Konfiantzaz gerturatu eta lehen pertsonan hitz egiteko aukera izan nuen. Gure egoera nahikoa gogorra zen jada, baina laguntza jasotzeko prest nengoen eta gauza asko gainditzen lagundu dit. Sufrituko duzu, baina edozerri aurre egiteko indarra hartzen duzu", dio. Azken hiru urteetan senarra ingresatuta dagoela kontatu digu, eta "erantzukizuna gutxitu den arren" laguntza eskertzen jarraitzen duela: "Lana gutxitu zait, ez dit hainbesteko kezka sortzen, baina emozioak eta sentimenduak hemen daude eta behar dut". AFAGIk Gipuzkoan duen lan-taldearekin aritzen da Rodriguez; Donostian dute egoitza nagusia. Edonor hurbildu daitekeela nabarmendu du, eta zerbitzua doakoa dela. Gaixotasunaren nondik norakoak ikasi eta lantzen dituzte psikologo eta gizarte langileekin batera, eta nork bere burua edota gaixo dagoen pertsona zaintzeko tresnak eskaintzen dituzte: "Gauzak ahazten dituztela bai, baina hori bakarrik izango balitz... Egunerokoan gauza asko sortzen dira eta tresnak behar dira guztiari aurre egin eta erantzuteko. Ni ikasten eta ikasten aritu naiz eta jakiteak indar handia eman dit. Oso indartsu egin nau". Duela 30 urte familia barruko gaixotasuna zen alzheimerra. Adinari egokitzen zitzaion gaitza zen, ezezaguna. Egun, gero eta gehiago atzematen da. 47.000 kasu inguru daude Hego Euskal Herrian eta 15 urtetan kopurua bikoiztu egin daitekeela aurreikusten dute.  Komunikazioa gako Bakardadea, kezka, haserrea, depresioa, lotsa, ezintasuna eta errua dira gaixotasuna ondotik bizi dutenentzako albo-kalteak. Rodriguezek aipatu duen moduan, beharrezkoa da hori zaintzea: gaiaz informazioa biltzea, hitz egitea, norbere buruari denbora eskaintzea, osasuna zaintzea, laguntza eskatzea, mugak ipintzea, pisua banatzea... Jendarteak gaixotasuna estigmatizatuta duela azpimarratu du: "Egoera dagoen bezala, sozializatzea oso zaila da eta beharrezkoena da. Badira denek jakin beharko genituzkeen oinarrizko gauzak. Gaixotasuna dutenek arazoak eman ditzakete, baina haiengatik zerbait egin nahi baduzu ez da hainbesteko lana". Horretarako ezinbestekoa da elkarren arteko komunikazioa lantzea. Rodriguezek gako batzuk eman dizkigu: hizkuntza erraza eta ahots goxoa erabili, ez tratatu tuntuna edo haurra izango balitz bezala, erantzuteko denbora utzi, zaratak saihestu, ez kontra egin ez baitakite arrazoitzen, begietara begiratu, errepikatu behin eta berriz, keinuz mintzatu eta behar duten neurrian soilik lagundu. Gaixoek diote "utzidazu egiten; polikiago egingo dut, baina egingo dut", edo "ze mania, beti korrika eta korrika zabiltzate; polikiago mintzatu". Haien autonomia ahalik eta gehien mantentzea funtsezkoa da. Gaur egun AFAGIko lehendakari ordea da Rodriguez. Hitzaldiak eman, informatu, senideekin hitz egin eta proiektu berrietan parte hartzen ari da. "Hainbestekoa izan da jaso dudan laguntza, nire buruari zin egin diodala denbora dudan bakoitzean nik ere lagundu egingo dudala. Kostatu zait gauza askori aurre egitea, baina horregatik bakarrik pozik nago orain. Edozertarako nago prest".
news
argia-14e9e5327972
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2585/agirreren-lehengusu-nazien-espioi.html
Agirreren lehengusu, nazien espioi
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-02-04 00:00:00
Agirreren lehengusu, nazien espioi Ribadeo (Lugo), 1902ko maiatzaren 12a. Juan Gomez de Lecube jaio zen. Beste iturri batzuek diote 1906an jaio zela Sestaon. Baina, jaioterria jaioterri, Euskal Herrian eman zuen haurtzaroa; Jose Antonio Agirre Lekube zuen lehengusu, gero lehendakari izango zena, eta, amarenaldetik umezurtza izanik, haren ondoan hazi zen. Anaia nagusia Luis Valentin ere ezaguna izango zen Hego Amerikan kontrabandista gisa; Herrena esaten zioten. Juan ez zen herrena; futbolari profesionala izan zen, ezker hegalean jokatzen zuen eta bere garaiko jokalaririk azkarrenetakoa izan zen kokapen horretan. Celta eta Atlético de Madrid taldeetan jokatu zuen, besteak beste, 1920ko hamarkadan. Futbola utzita, Kataluniara joan zen familiarekin eta Ogasunean hasi zen lanean; diru-sarrerak osatzeko, merkatu beltzean eta bitartekari gisa ere aritu zen. Baina nazioarteko erakundeen interesa 1940ko hamarkadaren hasieran piztu zuen, alemaniarrentzat espioi lanak egiteagatik. Londresko artxibo nazionaleko hari buruzko espedientea ikertu du Sapiens aldizkariak azken alean, Lecuberen nondik norakoak jasotzeko. MI6aren txostenen arabera, naziek 1941eko urrian errekrutatu eta 1942ko maiatza bitartean trebatu zuten. Ekainaren lehenean ontziratu zen Bartzelonan, Panamara bidean, baina hilaren 17an Trinidaden britainiarrek atxilotu zuten. Alemaniaren zenbait mezu atzeman zituzten bidean eta hilabeteak zeramatzaten Lecuberen atzetik. Alemaniarren zerbitzura Atlantikoa zeharkatu zuen agenterik garrantzitsuenetakoa eta arriskutsuenetakoa zen haientzat. Tinta ikusezina egiteko materiala eta Alemaniako inteligentzia zerbitzuko beste agente batzuen izenak eta helbideak zeramatzan atxilotu zutenean. Churchillen kabineteko Barne ministro Herbert Morrisonen aginduz, Erresuma Batura eraman eta 020 esparruan sartu zuten 1942ko urriaren 4an. Britainiarren galdeketa gogorrak alferrikakoak izan ziren. Squealer (salatari) izeneko plan berezi bat ere jarri zuten martxan, beste agente bat amu gisa erabiliz. Lecubek behin eta berriro askatzeko eskatu zien Espainiako enbaxadoreari eta Ingalaterrako Barne ministroari, eta jasotako tratu kaskarra salatu zuen. Baina harengandik ez zuten batere informaziorik lortu. "Lecube gerra guztian izan dugun presorik zailena eta problematikoena izan da. Aitorpena lortzeko ahalegin guztietan porrot egin dugu", zioen 1945eko abuztuaren 10eko txosten batek. Gerra amaituta zegoen eta Espainiara deportatu zuten. Entrenatzaile titulua aterata, Lleida nahiz Condal taldeak entrenatu zituen bere azken urteetan. 1966ko maiatzaren 2an hil zen Bartzelonan.
news
argia-22fe8b51f8f5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/izaro-arbe-izagirre.html
Eskemak apurtu dituen puntista
Mikel Garcia Idiakez
2016-09-18 00:00:00
Eskemak apurtu dituen puntista "Ez amestu bizitzie, bizi zure ametsak!" dio Markina-Xemeingo frontoi alboan dagoen muralak. Izaro Arbe zesta-punta jokalariak parte hartu zuen muralean eta ongi barneratua du leloa: ezkerra, atzelaria eta gizonen munduan emakume bakarra urte luzez, bere lekua irabazi behar izan du frontoietan. Entrenamendu eguna du gaur Arbek. Xistera urez busti du, zumitzak hezetasuna behar duelako, apurtu ez dadin. Etxeko komunean gordetzen duela kontatu digu. "Mimoz zaindu beharra dago". 25 ordu inguruko artisau-lana du xisterak eta gaur egun, apenas dagoen saskigilerik, denera bost bat omen dira Euskal Herrian, ofizioa ikasiko duten belaunaldi gazteek lekukoa hartzea behar dutenak. "Karbonozko saskiak probatzen ari dira orain, material berriak aztertzen...". Kaskoa jarri eta frontoira egin du salto, bi mutiko eta entrenatzailea ditu zain. Tamainaz txikia da Arbe, baina hazi egiten da jokalekuan, sekulako zartakoak eman dizkio pilotari. Ikuskizuna itzela da harmailetatik; diotenez, munduko joko bizkorrena da, pilotak hartzen duen abiaduragatik. 22 urteko markinarra ere txikitatik liluratu zuen zesta-puntak. "Pilota xisterarekin hartzeko modua, ateratzen duen hotsa, eskuz egindako saskiak duen xarma, bertako kirola izatea… Beste kirolen aldean berezia da zesta-punta". 11 urterekin jantzi zuen xistera lehenengoz, Jokin Arbe neba nagusia jokatzen ikusteak kitzikatuta. Gurasoen laguntzaz, Markina-Xemeingo klubean eman zuen izena, eta harrera ona egin zioten. Neska bakarra izanik, ordea, oztopo ugari izan ditu bidean. "Frontoia eremu erabat maskulinizatua da eta 'zer egiten du honek hemen?' izan zen besteengandik hasieran jaso nuen inpresioa. Era guztietako jendea dago eta denetik entzun behar izan dut". 14 urteen bueltan, indar kontuetan mutilekiko aldea nabaritzen hasi zenean, txapelketa bat jokatu ostean antolatzaileak zera esan zion: "Zuk dagoeneko mutilekin ez, neskekin aritu beharko zenuke". Minduta gogoratzen du Arbek: "Beste neskarik ez zegoen eta! Ni bota nahian ari zen, ala? Baina adin horrekin ez daukazu halakoei aurre egiteko nahikoa tresnarik. Bakarrik zaude, besteen berdina egiteko ahalegin bikoitza egiten, eta baloratu ordez horrelakoak entzun behar". Aurkarien ahotik "neska baten aurka jokatu behar al dut?" aditzea ere egokitu izan zaio, batzuk deseroso sentitzen direlako, neska baten kontra jokatzeagatik edota galtzeagatik. "Baina orokorrean, nire inguruan behintzat, oso ondo eraman naiz jokalariekin", nabarmendu nahi izan du. Batzuetan bakarrik sentitu arren, etxekoen babesa funtsezkoa izan da. "Neba izan dut beti alboan, beti erakusteko prest, batik bat hasierako aurpegi eta komentario itsusien aurrean". Egun, Jokin Arbe profesional dabil AEBetan, pasa den urtarriletik. Gainera, ezkerra Indarra ezaugarri garrantzitsua da zesta-puntan eta une batetik aurrera mutiko gazteagoen kontra hasi zen markinarra, partidu parekatuak jokatzeko. Nagusiena izateaz gain, txapelketa ofizialetan parte hartzeari utzi behar izan zion, kategoriak eskatzen zuen adinaz kanpo zegoelako, eta Federazioak ez zuelako ezer egin horri irtenbideren bat aurkitzeko. Txikiekin entrenatu eta entrenatu, partiduen pizgarririk gabe, "motibazio aldetik gogorra izan zen", dio. Bolada batean, beste neska bat aritu zen berarekin, baina panorama ikusita laga egin zuen azkenean. Arbe, haatik, ez da lagatzen duen horietakoa, batez ere aintzat hartuta hasieran zenbat kostatu zitzaion: ezkerra da bera, eta derrigorrezkoa da eskumaz jokatzea, saskia ezin da ezker eskuz hartu; urtebete eman zuen jo eta su, eskuin eskuz jokatzen ikasi zuen arte. Ezkerrez jokatu duenik egon da, baina arauetan ezer jartzen ez badu ere, ez omen da halakorik onartzen. Galdetu diogu ea ez al zen saiatu ezkerrez jokatzen. "Neska eta gainera ezkerrez! Baina zer nahi duzu, zuzenean frontoietatik bota nintzatela?", erantzun du barrez. "Mutilekin ez nukeela aritu behar esan zidan, baina 14 urterekin ez duzu aurre egiteko nahikoa tresnarik. Bakarrik zaude, besteen ahalegin bikoitza egiten, eta baloratu ordez halakoak entzun behar" Motibazioz pattal zebilen sasoian, zesta-puntaz gain palari ere ekin zion. Azken finean, Emakumea Pilotari bezalako proiektuei esker, frontoietan pala da emakume gehien biltzen dituen modalitatea. Azpiegiturak, txapelketak eta erraztasunak jartzeak emaitzak ematen dituelako. "Esanguratsua da, gaur egun palaz ari diren emakumeen %80tik gora beste modalitate batzuetatik eratorritakoak dira. Elitean dabiltzan emakumezko palista asko aurrez eskuz aritutakoak dira". Arbe ohartu zen, baina, "benetan betetzen ninduena zesta-punta zela, eta bidea egin nahi banuen nik neuk egin behar nuela, inork ez zuela nigatik egingo". Pala utzi, zestaren aldeko apustua egin eta jarraitzea erabaki zuen, egoerari buelta emateraino, belaunaldi berriei bidea irekiz. Desmotibaziotik indartsu bueltatzera "Pixkanaka, nire esparrua irabazi dut. Kostata izan da, baina lortu dut, eta Markina-Xemeinen bat gehiago naiz frontoian. Nire ibilbidearen balorazioa egin beharko banu, esango nuke nahi dudan horri uko egin ez dion pertsona naizela". Eta ez da gutxi. Gasteizen Irakaskuntza ikasi ostean, herrira gogotsu itzuli zen Arbe: egun, astean bi bider entrenatzen du, lagunarteko partidua du ostiralero, adin ugariko mutilekin (11, 15, 18...), eta Xistera proiektuaren baitan emakumeen arteko txapelketak antolatzen hasiak dira –hiru egin dituzte dagoeneko–. Izan ere, jokalari frantsesak eta katalanak badira, eta horiekin topaketak egin izan dituzte. Urri amaieran, denak elkartzea da asmoa, Euskal Herrian. Katalunian hamar bat emakumetik bira jaitsi dira puntistak, baina Frantzian gora egin du kopuruak, 15 bat ari dira uneotan. Iaztik, helduen mailan beste emakume bat ari da Donostian: Leire Arribas. Eta garrantzitsuena, neska jokalarien harrobia sortzen ari da, tartean Izaro Arbe beraren entrenatzaile lanari esker. "Kostata, baina nire esparrua irabazi dut, Markina-Xemeinen bat gehiago naiz frontoian. Nire ibilbidearen balorazioa egin beharko banu, esango nuke nahi dudan horri uko egin ez dion pertsona naizela" Gainbehera dagoen modalitatea da zesta-punta. Euskal Herriko elkarte puntistak batu eta Xistera proiektua sortu dute, kirol hau indartu asmoz. Hiru adar nagusi ditu ekimenak: afizionatu mailan txapelketak sustatzea, emakumeen parte-hartzea bultzatzea, eta ikastetxeetan haur eta gazteei zesta-puntaren berri ematea. Hirugarren adar horretan buru-belarri ari da markinarra, eta pauso handia dela dio: "Ikasturte honetan hamabi herritara joango gara eta horrek esan nahi du ikasle pila batek ezagutuko duela kirol hau. Umeek dena probatu ahal izatea da helburua, eta erreferentzia emakumezkoa izatea ere oso inportantea da: duela hiru urte, umeak zesta-puntan entrenatzen hasi nintzen Durango eta Berriatuan; aurretik gizon bat zuten entrenatzaile, eta zero neska aritzetik, ni jarri eta bi astera 14 neskek eman zuten izena kolpean!". Arbek berak erreferente gutxi izan ditu, emakumerik apenas aritu delako zestalari. "Probatu emakume ugarik probatuko zutela pentsatzen dut, baina ez zuten aurrera egin. Kurioski, euskal pilotan emakumearen sarbidea zesta-puntaren bidez izan zen: Maria Unzueta eibartarra zesta-puntan aritu zen XIX. mende bukaeran, jokalari ona zen eta profesional aritzeko proposatu zioten, baina aitak debekatu egin zion". "Orain, zesta-puntan aritu nahi duen 8 urteko neska ez dago bakarrik" Durango eta Berriatuan umeei zestan irakatsi ondoren, euskal pilotako entrenatzaile titulua atera eta iaztik Markina-Xemeinen dihardu Arbek. Bekobenta ikastetxean dabil, 6-12 urte arteko gazteekin. 20 bat dira, horietatik 14 neska inguru. "Asmoa da pixka bat ikasten dutenean frontoi handira joatea". Guztira 100 bat zestalari ari dira herrian. "Emakumezko erreferentziak izatea oso inportantea da: umeak entrenatzen hasi nintzen, aurretik gizon bat zuten entrenatzaile, ni jarri eta bi astera 0 neska aritzetik 14k eman zuten izena" Partidua bota eta etxera, Arbek ez du halako saiorik gidatu nahi. Zesta-puntan aritu, kirolari lotutako jolasak egin, talde giroa sortu… Jarduera fisikotik harago, baloreak lantzen saiatzen da entrenamenduetan. "Denak batera aritzen dira, hala behar du Lehen Hezkuntzan: neska eta mutil, jatorria dena delakoa, adinak nahastuta… Elkarbizitza lantzeko tresna aproposa da kirola, harremanik ez duen jendea elkarrekin aritzeko aitzakia, eta hori guztia jorratzen ahalegintzen naiz, ez dadila egon mutilik esango duenik 'nik ez dut neska batekin jolastu nai'". Gustura dago bizkaitarra, esfortzua fruituak ematen ari dela nabaria da eta neskaz ere osatutako taldea itxaropenez ikusten du: "Orain, zesta-puntan aritu nahi duen 8 urteko neska ez dago bakarrik, taldean neska gehiago ditu, eta taldea egonik, errazagoa da etorkizunean jarraitzea". Pozarren dago Izaro Arbe, entrenatzaile lanak bete egiten duelako, eta jokalari moduan gustura dabilelako. Zenbat aurreiritzi apurtu dituzu? "Aurreiritziak ez dakit, jendearen eskemak apurtu ditut, hori bai. Denetik egongo da: batzuek esango dute, 'zer  ari da hau zestalari?', eta beste batzuek berriz, "aupa Izaro! Nik egin ez nuena zuk egin duzu". Argazkian, Arberekin eta Xistera proiektuko presidentearekin batera, Markina-Xemeingo Bekobentako eta frontoi handiko taldeetako umeak. Bekobentan 20 bat dira Izaro Arbek entrenatzen dituen gazteak, horietatik 14 neska inguru. Irakurri artikulua ingelesez, argia.eus/english helbidean.
news
argia-74f7fe53ff8d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/argi-eta-itsu.html
Argi eta itsu
Itxaro Borda
2016-09-18 00:00:00
Argi eta itsu Beti aurkitzen dira hilketarik itsuenak onarrarazteko moduak, batez ere euskaldunok naturaltasunez gogoko ez dugun Frantzia jokoan dagoelarik: jihadista ankerrek Paris bietan eta Niza sarraskitu zituzten gobernu sozialistak Mali Iparraldea eta amerikarrekin Siria bonbardatzen dabilelako, interes mineral eta ekonomiko zakarrengatik. Gertatua merezitua liteke, aski luke Frantziak xuxen martxatzea! Larrun aldizkarian, udaran, Nils Andersson ikerlariaren elkarrizketa irakurtzean, hausnar nenbilen: noski geopolitikaren alorra sakonetik ezagutzen duen batengandik ez zen komentario ezberdin eta zehatzagorik igurikatzen ahal. Lerro osoan arrazoia duela ezin uka: atentatuak, derrigorrez, gorago aipatu injerentzia zitalaren ondorioak dira. Baina ISISen terrorismoaren bideak iragar ezinak dira eta justifikazio objektiborik ez dute beharrik, alderantzizkoa sinestarazten diguten arren. Berriki eta agudo islamera konbertituek europarron frustrazio orokor oldean gorrotoa lantzea nahikoa dute, etsaia nor den finkatzea, auzo txiroko haurridea baldin bada hobe, eta mundu errealetik baztertze horretan justiziagile odoltsuaren paperean bermatzea, jotzeko, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Ingalaterran, Danimarkan… Hitzordua dut Carrie Mathisonekin.
news
argia-ac038ea58885
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/fernando-tarancon-astiberri-argitaletxeko-arduraduna.html
"Nobela grafikoari esker, egungoa komikiaren inoizko garairik onena da"
Jabi Zabala
2016-09-18 00:00:00
"Nobela grafikoari esker, egungoa komikiaren inoizko garairik onena da" Joker komiki denda 1994an zabaldu zuen Bilbon Fernando Tarancónek (1971, Bilbo), kazetaritza ikasketak amaitu berritan. Geroago etorri zen Astiberri argitaletxea, 2001ean. Garai latzak igarota, badirudi egun aro gozoa bizi duela komikiak eta horren isla da Joker-Astiberri bikotea. Iaz denda Euskalduna kaleko egoitza handiagora eraman zuten eta argitaletxeak 500 titulu ditu argitaratuta, hamabost urte bete dituen urte honetan. Liburu-saltzaile eta editore rolen arteko harremana nola daramazu? Bata bestearen ondoren etorri denez, alderdi guztiak kontuan hartzen ikasi dut. Batzuk besteei buruz gaizki esaka entzuten ditudanean... gauzak ez dira zuri ala beltz. Liburu dendak zein argitaletxeak ixten dira, beraz, arrazoia hor nonbait egongo da. Gainera, emaztea ilustratzailea da eta badakit zer gogorra den haientzat bakarka lan egitea. Indarrak gehitzea da kontua, ez kentzea. Ondo doakizuela dirudi. Bai, ez daukagulako gastu handiegirik edo azpiegitura erraldoirik. Apurka-apurka hazten joan gara eta, hasieran hain gaizki pasatu genuenez, kostatu zaigu konturatzea hobeto ari ginela, zortzi urte generamatzala galerarik gabe. Tira, ez dugu egundoko soldatarik eta ez dugu autorik, baina ez zen hori gure helburua. Erreferentzia nagusia bilakatu zarete Espainiako Estatuan? Nobela grafikoaren eztandarekin batera heldu ginen, hasieratik ikusi genuen etortzen eta bat egin genuen berehala. Erreferentziazko argitaletxe bihurtu gara Espainiako egileen artean, baina horrek ez du esan nahi gugandik kanpo egile onak ez daudenik. Saiatzen gara egileak ondo tratatzen eta eurek estimatzen dute gure lan egiteko modua. Berriki, egileekiko negoziazioetan bik esan digute gure zatia igotzeko, gutxiegi eskatzen genuela. Orokorra da, baina. Ondo dabil komiki mundua. Bai, 80ko hamarkadan leherketa bat izan zen, baina puztuegia eta ganorarik gabea. Azken urteotan, ordea, hazkundea oinarri sendoagoen gainean gertatzen ari da, irakurle berriak sartzen ari dira, lanak gero eta hobeak dira. Nobela grafikoari esker, egungoa komikiaren inoizko garairik onena da irakurlearentzat. Duela urte batzuk literaturazale edo zinemazale despistaturen bat komiki interesgarri baten bila dendan sartzen bazen, ezer gutxi genuen hari eskaintzeko, Maus -en lehenengo zatia, Carlos Giménezen Paracuellos eta beste lau edo bost titulu zeuden. Egun, berriz, nobelan edo saioan irakurtzen dugunak badu islarik nobela grafikoan, are, bertara heldu den jende asko komikitik pasatu gabea da. Industriatik aparte garatu da nobela grafikoa, beraz. Bai, komikiaren hiru industria multzo handi daude munduan, Espainian duela hamabost urtera arte komikia ekoitzi den moduan ekoizten dutenak: Marvel amerikarra, manga japoniarra eta franko-belgikarra. Bertan, marrazkilaria langilea da, berdin marraztu behar ditu erromantzea, pornoa edo ahatetxoak, familia mantentzeko. Azken urteotan, ordea, egiletza artistikoko beste eredu bat garatu da, literatura egileena: nork bere istorioa kontatzea. Nazioarteko mugimendua da, ez dizu ziurtatzen irabazirik, baina guk hasieratik egin dugu bat horrekin eta gaur egun gure egileen eskubideak mundu osoan saltzen ari gara. Gai eta ikuspegi berriak dira, Una entre muchas -en genero indarkeria kasu. Istorio jakin bat kontatu beharrak bultzatuta marraztea, lehen horrelakorik ez zegoen, komikia adierazpide pertsonaltzat hartzea. Una entre muchas paradigmatikoa da, gizartearen isla. Iaz Gazpacho agridulce komiki kostunbrista argitaratu genuen, txinatar etorkinen seme-alaben pasadizoak, haietako batek kontatuak. Egun komikian gehien interesatzen zaidana ez-fikzioa da. Hala ere, frikismo irudi hori du oraindik komikiak. Ni mugitzen naizen giroan ez, baina ez naiz mundu errealean aritzen. Unibertsitatean ibilitako lagunen afaria egin genuenean pentsatu nuen: "Astiberrin nabilela esaten diedanean"... Inork ez zekien zer zen Astiberri, eta jende jantziak dira denak. Asko aurreratu da, egun kultura orrialdeetan agertzen dira komikien aipamenak, lehen gazte gehigarrietan baino ez. Hobekuntzak euskarazko argitalpenei ere eman die bultzada? Zaila egiten zait euskarazko edizioez hitz egitea, iaz lau gauza atera zirelako. Gu bigarren urtean hasi ginen euskaraz argitaratzen. Desastrea izan zen eta beldurtu ginen. Duela bi urte Javier Isusiren Baleak ikusi ditut ateratzea, berriz, erabat logikoa iruditu zitzaigun. Mitologika bildumaz gain, urtero bi ateratzen ditugu euskaraz: Paco Rocaren Zimurrak eta etxea , Gallardoren Maria eta biok , eta Mariak 20 urte ditu . Konfiantzazko egileekin egiten dugu hori, 1.000 aleko tiradagatik miseria bat ordainduko diogula esan eta onartu egiten dutenak. Euskarazko zer proposamen arrakastatsu irudikatzen duzu? Euskaraz eta arrakastatsua... Kostatzen zait hitz biak lotzea. Nahi nuke, ordea, jatorrizkoa euskaraz izanik arrakasta izatea eta gaztelaniara pasatzea. Gaiari dagokionez, gustatuko litzaidake, ganorazko proposamen bat balego gu gazte gineneko garaia islatzea: Bilbo industriala, birmoldaketa, ETAren berunezko urteak, gerra zikina, droga... Gure eguneroko normaltasuna izan zena. Ikusi dudan guztia oso deskafeinatua iruditu zait, agian oraindik posizionatzea eskatzen dizutelako eta horrek beldurra sortzen duelako. Oraindik urte batzuk pasatu beharko dira akaso, baina gure belaunaldiak kontatu beharko du, bizi izan dugun azkenak izan garelako.
news
argia-8a08d6926cd6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/karabaleko-agifes.html
Baratzeterapia
Garazi Zabaleta
2016-09-18 00:00:00
Baratzeterapia Hernanin (Gipuzkoa) dago Karabeleko ekonekazaritza etxaldea. Agifesek (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea), Blasenea mintegi ekologikoak eta Kimu Bat lorezaintza eta paisajismo enpresak egin zuten bat 2014an, irabazi asmorik gabeko proiektua martxan jartzeko. Baratzezaintza ikertzen dute bertan eta agroekologiaren filosofia gizarteratzen. Eta horrez gain, buru gaixotasuna dutenei eta baztertze arriskuan dauden beste kolektibo batzuei zuzendutako errehabilitazio psikosozialerako zentro ere bada Karabeleko. Gaitasun sozialak eta autoestimua Ekonekazaritza etxaldeko errehabilitazio arloaren ardura Agifesek dauka. Elkarteko erabiltzaileek aukeran duten programetako bat da Karabelekoa, eta nahi duena soilik joaten da bertako lurrak lantzera. Oier Iurramendi Karabeleko kideak kontatu digunez, astean zehar elkarteko 40 pertsona inguru pasatzen dira etxaldetik, baina egunero bertan aritzen direnak 18-20 bat dira: "Agifesek bere psikologo eta monitoreak ditu arlo terapeutikoa lantzeko. Karabelekon ekintzak dinamizatu eta baratzea nola landu erakusten diegu". Baratzean talde lanean arituz, gaitasun sozialak eta autoestimua lantzen dituzte. Errehabilitazioa bultzatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko autonomia eta garapen pertsonala daude oinarrian. Bakoitzaren gaitasunen arabera Baratzeko lanetan aritzen dira batez ere Karabelekora hurbiltzen diren Agifeseko kideak: landatzen, barazkiak biltzen, bildutakoa txukuntzen... Karabeleko kontsumo taldeko saskiak prestatzen edota etxaldeko Ekodendan laguntzen ere aritzen dira. "Taldean jende oso ezberdina dago adinez, jakin-minez, baita gaitasunez ere. Bakoitzari lan ezberdinak proposatzen zaizkio", azaldu digu Iurramendik. Berak egunero ikusten du baratzeak Agifeseko erabiltzaileei ekartzen dien onura: "Haiek landatutako eta ureztatutako letxua hazten ikusi ondoren, letxu hori bildu, prestatu eta etxe batera eramaten da han jan dezaten. Beren lanak ondorio ona duela ikusten dute, gizarteari, beste jendeari zerbait eskaintzen ari direla". Hala zioen Stanik sinatutako bineta batek: "Baratzeko ordu bat ehun psikoanalisi orduren pare da". Ezin uka edonorentzat izan daitekeela baratzea terapia on bat...
news
argia-06d373923add
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/1500-kilometro-metro-baten-bila.html
1.500 kilometro, metro baten bila
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-09-18 00:00:00
1.500 kilometro, metro baten bila Paris, 1792ko ekainaren 24a. Oraindik iraultza giroan, hainbat gurdiz osatutako bi espedizio Frantziako hiriburutik abiatu ziren elkarren kontrako noranzkoan. Bata Bartzelonara bidean zihoan, besteak Dunkerke zuen jomuga. Biek zuten helburu bera: mundua neurtzea. Hilabete batzuk lehenago, Asanblea Nazionalak erabaki zuen neurri estandar bat behar zela, garaiko anabasari aurre egiteko; Frantzian 700 neurri unitate baino gehiago erabiltzen ziren. Oinen luzera tronuan zegoen erregearen arabera aldatzen zen, arra laburragoa zen esku txikiak zituztenentzat eta, gainera, jatorri anglosaxoiko yarda eta milia nagusitzen ari ziren, eta frantses jatorrek ezin zuten halakorik onartu. Neurria aukeratzeko erreferentzia unibertsal eta egonkorra behar zuten eta Lurra aukeratu zuten horretarako. Neurriari metre esango zioten, neurri esan nahi duen metron hitz grekoa iturri. Eta Parisetik igarotzen den meridianoaren koadrantearen hamar milioirena izango zen. Hala, meridianoaren neurri zehatza eta, ondoren, metroarena aurkitzeko Dunkerketik Bartzelonarako lerroa aukeratu zuten. Joseph Delambre (1749-1822) bidali zuten iparraldera eta hegoaldera, berriz, Pierre Mechain (1744-1804) abiatu zen. Bi astronomoek triangulazio sistema bat erabili zuten neurketak egiteko eta, horretarako, goraguneetan hainbat seinale utzi behar zituzten. Gurdi astunak eta eguraldi txarra ez ziren izan espedizioaren etsai bakarrak. Kanpandorreetan utzitako seinale asko desagertu ziren, erlijioaren aurkako korronteak elizak errausten zituelako. Muinoetan utzitako seinale asko ere txikitu zituzten, ondo ikusteko zuriz margotuta baitzeuden, eta zuria monarkiaren kolorea zen. Ondorioz, seinaleak babesteko gizon armatuak utzi behar izan zituzten neurketa puntuetan. Jakina, horrek espedizioak garestitu eta mantsotu zituen. Bildutako datuak ez ziren batere zehatzak. Mechainek berak "Bartzelonako zorigaiztoko neurketak" aipatu zituen Delambreri idatzitako gutun batean. Azkenean, zazpi urte eta 1.500 kilometro geroago, Parisera itzultzean, heroiak bailiran hartu zituzten. Ordurako kontua urguilu nazionalarekin estu lotuta zegoen eta, emaitzak emaitza, zeukatena aurkeztu behar zuten. Bien datuak aliritzira doitu zituzten, bat etor zitezen, sinesgarria izango zen emaitza adostu zuten eta munduari gutxi gorabeherako metro hura aurkeztu zioten. Lurreko meridianoaren koadrantearen benetako hamar milioirenarekin alderatuta, Mechainen eta Delambreren metroa, egun erabiltzen duguna, 0,2589658655 aldiz handiagoa da.
news
argia-1dafd97a510f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/kontzertua.html
Egurra latza
Joxi Ubeda Goikoetxea
2016-09-18 00:00:00
Egurra latza Hamabi kantu basati eta bortitz daude Ztah taldearen diskoan. Doinu ilunak, astunak eta errepikakorrak dira, eta deathcore, hardcore eta metal aireak suma daitezke kantuetan. Gupidarik eta errukirik gabe aritzen dira, inolako txantxarik gabe. Taldekideek egurrarkore bezala definitzen dute beraien musika. Hala baita, egurra latza. Oso ongi egina, eta diskoa bera ere ederki ekoitzia dago. Kantuen bidez kritika, salaketa eta aldarria egiten dute: "Abiadura handiko bizirik ez, dugunarekin nahikoa dugu, abiadura handiko trenari ez, bizitzeko denbora behar dugu". ( Tren tren ), "Eskemak apurtu, saihesbide guztiak bide nagusira joaten baitira!" ( Inorabidea ), "Faxismo gordea demokraziaren gibelean" ( Ilusioarekin dantzan ), "Beti diru gehio behar, amaiera gabeko gose handia" ( Ehun hamar dollar ), "Naturaren harrapaketak, inguramenaren kutsatzeak, gizakiaren hedapenak ondorio bakarra dute, gizakiaren desagerpena" ( Zazpi miliar arrazoi ), "Geroa sortu, etorkizuna zure esku dago, ideiak bultzatu, etorkizuna gure esku dago" ( Geroa sortu ), "Zein izango da bere patua, eraso matxisten biktima? Hurrengo zenbaki mutua?" ( Txanogorritxuren patua ), "Ez saldu Euskal Herria, gure herria ez saldu" ( 43769 ).      Ztah taldea 2010. urtean sortu zen Donibane-Ziburuko gaztetxean. Oier (Hats, Stakipop), Jon (Hats, Stakipop) eta Pilo (Glokom) ziren hasierako taldekideak eta ondoren Iñaki (Dementzia, e-Volv, PIBAllStar...) haiekin elkartu zen. 2011. urtean EP bat kaleratu zuten eta aurten argitaratu duten Inorabidea diskoa beraien lehen lan luzea da. Taldea jendaurreko emanaldi batean ikusteak merezi du, dudarik gabe, transmititzen duen indar guztia hurbiletik ikusteko eta sentitzeko.
news
argia-8f5560cd60ff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/suak-piztu-al-zuen-tuberkulosia.html
Suak piztu al zuen tuberkulosia?
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-09-18 00:00:00
Suak piztu al zuen tuberkulosia? Duela 400.000 urte inguru Homo erectus -ek sua kontrolatzea lortu zuen lehenengoz eta giza eboluzioan berebiziko garrantzia izan zuen gertaera horrek lotura zuzena izan lezake tuberkulosiarekin, New South Wales (Australia) Unibertsitateko Rebecca Chisholm eta Mark Tanaka biologoen hipotesiaren arabera. Gaixotasun infekzioso gehienak (hiesa, malaria, ebola...) beste animalia batzuengandik gizakietara egin zuten jauzi. Baina, biologoen ustez, gizakiak sua kontrolatu zuenean, gizakien arteko harremanak estutu egin ziren eta birikak kearen erruz ahuldu. Baldintza horiek ezin egokiagoak izan ziren Mycobacterium tuberculosis (irudian) kaltegabea mutatu eta gaixotasun infekzioso hilgarriena bihurtzeko.
news
argia-3768cc45cc2c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/hazteko-hazien-hormonak.html
Hazteko, hazien hormonak
Jakoba Errekondo
2016-09-18 00:00:00
Hazteko, hazien hormonak Landare bati kendutako puska batetik berri bat sortzeko hormonak erabiltzea ohikoa da. Landarearen aldaxkari edo hostoari itsasten laguntzeko, errotzeko,  urgazle egokiak dira hormonak, batez ere sustraiak ez ematen egoskorrak direnetan. Landare batzuen puskek erraz ematen dituzte sustraiak, uretan jartze hutsa nahikoa da. Beste batzuk, berriz, temoso-temoso jarri eta sustrairik ez luzatzeko setan gogor lotzen dira. Horiekin ia nahitaezkoa da hormonak baliatzea. Hormonak artifizialak edo naturalak izan daitezke. Naturalak zerorrek molda ditzakezu. Haziekin, adibidez. Hazi guztiek bi zati dituzte: ernamuina eta energia erreserba. Landare berria sortzeko, hazia hozitu egin behar da. Metatuta dagoen energia dantzatu, eta horrela akuilatuko da ernamuina, baldin eta sustraia eta kimua biak emango baditu. Energiaren dantza horren doinua hormonen orkestrak joko du. Musika hori abiatzeko, haziak hiru baldintza eskatzen ditu: ura, tenperatura epela eta ilunpea. Nahi bada zuzenean uretan sartuta, nahi bada ur-asetutako zapi edo paper batean bilduta, baina busti haziak, eta, toki epel eta ilun batean, erraz ernatuko dira. Kimua agertzen denean, bixtan da, hormonen musika ageri asko ikusiko duzu. Orduan haziak oso-osorik zanpa-zanpa birrindu, zehatu. Uretan bazeuden, ur hartantxe nahasi; bestela, ura erantsi eta ondo-ondo eragin. Irazi eta bereizi: ura eta hazi-kondarrak. Biak, zein baino zein, hormonaz gainezka egongo dira. Aldaxkak ur hormonadunetan sartu, eta eduki egun betez; ondoren, zeharraldatu loreontzian, muintegian, baratzean... Aldaxkan sustraiak azaltzen dituen arte ere eduki daiteke uretan. Ondoren, landatutakoan ureztatzeko ere ur hori bera erabiliz gero aise demonio itsatsi eta indartuko da. Demonio horri bidea errazteko, eman irazitakoan bereizi ditugun hazi-kondarrak aldaxka landatuko dugun lurrari. Zein hazirekin sortu hormonak? Lekale jendea oso egokia da: dilista ( Lens culinaris ), txitxirioa ( Cicer arietinum ), babarruna ( Phaseolus vulgaris )... Baina baita ere artoa ( Zea mays ), gariak ( Triticum spp ), oloa ( Avena sativa ), hirustak ( Trifolium spp )...
news
argia-f231615eaf85
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/el-hereje.html
El hereje
I�aki Mendiguren
2016-09-18 00:00:00
El hereje Udako atseden-egunak bi monasteriotan eman ditugu Gaztela Zaharrean. Inguru hartara gindoazenez, eta neukan zor bat kitatzeko, Miguel Delibesen El hereje eraman nuen irakurgai. Gaztelako lehen protestanteetako baten bizipenak kontatzen ditu nobelak maisukiro. XVI. mende erdialdera, Inkisizioak luteranoen aurka ekiten diolarik, Espainiatik irtetea erabakitzen du protagonistak; Nafarroako Zilbetin mugalariaren etxera iristen denean beste aldera pasatzen lagun diezaion, atxilo hartu, Valladolidera eraman, epaitu, torturatu eta... Bakoitzak ikusiko du zer egin irailaren 25ean. Baina herejeak beharrezkoak dira gizarteen osasunerako. Noiz izango ote da posible "hereje" guztiak hauteskundeetara aurkeztea? Hala beharko zuen, eta liburua bukatzen ari nintzela zabaldu zen EAEko hauteskundeetara aurkezteko Otegiren inhabilitazioaren berrespena. Zenbait hedabidetako iritziak irakurrita, ezin saihestu ondorioa: ia bost mende igaro arren, eta aldeak alde, Espainian oraindik indartsu dagoela herejeak "sortzeko eta erretzeko" joera zahar hura. Lehen erlijioa zen aitzakia, orain Espainiaren batasuna (gehi ETA, ahal bada). Oporretan izan ditugun solaskideen arabera, gaur egun batez ere Katalunian dituzte herejeak, eta agian bakarren bat Euskal Herrian, baina oro har euskal herejeok ez gara oso arriskutsuak orain. Estatu osoko zenbaketan boto gutxi gara, Gorteetan aulki gutxi, geure artean banaturik gaude, eta gutarren aurrean ahoa berotu arren, ahulak gara Estatuaren tresna guztien aurka; aritmetika parlamentarioak opariren bat egin ezean, gutxietsi edo erabili egiten gaituzte. Dena den, Espainia sakoneko solaskide horiek oso etsita sumatu ditugu beren buruarekin, balizko hirugarren hauteskundeen aurrean; izan ere, ez bakarrik periferian, baizik eta erdian, muin-muinean ditu Espainiak orain arazo potoloak. Gutxienez, EAEn egin ditzagun geure lanak txukun datozen asteotan. Ez omen da esperimentuetarako garaia. Baliteke. Gobernua kontu serioa da heldutasun gutxiko abenturetarako. Baina aspaldi esana da ez dagoela ardo berria zahagi zaharretan jartzerik. Eta ardo berriaren premia handia dugu, ukaezina baita azken urteotan, krisiaren izenean, ardo ozpindua sartu digutela; halaber, ukaezina da datorkiguna ez dela askoz gozoagoa gastu-mugaren, metaturiko zor publikoaren, (jasanezina omen den) pentsioen egoeraren… estakuruan.  Bakoitzak ikusiko du zer egin irailaren 25ean. Baina herejeak beharrezkoak dira gizarteen osasunerako. Aurreko haien sakrifizioari esker, gaur egun posible da protestanteok edo beste edonork monasterio katolikoetan atseden-egun eder batzuk igarotzea. Noiz izango ote da posible "hereje" guztiak hauteskundeetara aurkeztea? Noiz izango ote da posible estatuak beste era batera eratzea, nazio burujabeen federazio gisa edo?
news
argia-8a48ede6df4e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/burkini-madarikatua.html
Burkini madarikatua
June Fern�ndez
2016-09-18 00:00:00
Burkini madarikatua Neskalagunari honela esan nion: "Feministen ahotan burkini hitza entzuteak asko amorratzen nau. Alegia, hori janzten duten emakumeek ez dute burka erabiltzen, hiyaba baizik. Seguru asko termino hori iraingarria suertatuko zaie. Jakin beharko genuke nola deitzen dioten eurek". Irribarrez erantzun zidan: "Bainujantzia deitzen diote". Burkiniaren polemika maltzur eta zentzugabearekin gutxienez hauxe ikasi dut: gure etnozentrismoa alboratzeko erne mantendu behar dugula. Eskerrak, feministok argi daukagu Frantziako alkateen ekimenak emakume musulmanen kriminalizazioa dakarrela; helburua terrorismo islamikoaren mehatxuaren harira bozak irabaztea eta kontrol poliziala areagotzea dela. Baina askok diote isunen kontra egon arren, emakume musulmanen janzteko eskubidearen irakurketa kritikoa egin behar dugula, beloak inposaketa patriarkal argia eta kezkagarria omen direlako. Rosa Cobo galiziar zientzialari politikoak, Facebooken honako argudioa bota zuen: "Guretzat [emakume europar laikoentzat, alegia] ona dena ez al da ona besteentzat ere?". Esaldi horrek unibertsalismoaren izaera etnozentrikoa agerian uzten du: gurean askapen ikurra dena (esaterako, nudismoa), edozein testuingurutan aplikatu beharra dago. Guk dakigu zer den besteentzat ona. Ameriketako Estatu Batuetako telesailetan presidenteak maiz I'm the leader of the free world (mundu librearen buruzagia naiz) dio. Rosa Cobo irakurtzean esaldi hori gogoratu nuen. Alegia, feminista europar txuri asko munduko emakumeen abangoardia sentitzen dira eta zapalduagoak omen dauden emakumeak askatzeko eginkizun morala daukatela uste dute. Azken egunotan Twitterren norbaiti irakurri nion emakume musulmanek Europako sufragisten bidea jarraitu behar dutela. Gure aitzindariek izan behar dute besteen bide-erakusleak. Joera harroputz horren aurrean, feminismo deskolonizatzaileari arreta jartzearen beharra ikusten dut. Feminista islamikoak, indigenak, beltzak edota ijitoak ozen esaten ari zaizkigu: "Gure zapalkuntzei buruz eztabaidatu ordez, gure borroka aintzat har ezazue, zuen paternalismoak ere zapaltzen gaitu eta". Azken hilabetean, hamaika hanka sartze, aurreiritzi eta jarrera etnozentriko topatu ditut burkiniaren eztabaidetan (neureak barne). Hots, burka, niqab eta hiyab zapien artean ez desberdintzea; arabiar eta musulman kontzeptuak nahastea; Europako hondartzetan estalduta bainatzen diren emakumeak atzerritarrak edo etorkinak direla esatea. Feministok gizonei eskatzen diegu euren eguneroko jarrera matxistak identifikatu ditzaten eta berdintasunaren borrokan parte hartu nahi badute, bigarren lerroan jarri eta ikas dezatela. Kasu honetan guk hori bera egin beharko genuke: "besteen" zapalkuntzak epaitzeko ahalmena daukagunaren ideia alboratu eta emakume anitzen esperientziak, aldarriak, erreferenteak eta estrategiak aditu. Litekeena da orduan gure beloren bat ere erortzea.
news
argia-1bce522072bd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/osasun-grexitik-ez-diru-gabeko-greziarrak-hiltzera-ez-kondenatzeko.html
'Osasun Grexitik ez!' diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko
Pello Zubiria Kamino
2016-09-18 00:00:00
'Osasun Grexitik ez!' diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako jendeak. Haien elkartasunez Europa osoan hedatzen ari da Osasun Grexitik ez! kanpaina. "Salonikako ospitale publikoan ikusi dudanak izutu nau, ez nuen espero osasun sistema hain hondoa jota aurkitzerik", hala mintzatu da Yvon Englert Bruselako Erasme ospitaleko ginekologia arduradun ohi eta unibertsitateko irakaslea. "Kliniketako zuzendariek astero beste arduradunekin bildurik aurrekontuak aztertu ostean erabakitzen dute aste horretan zein produktu ez duten edukiko gaixoentzako". Joan den udan ibili da Englert Urgences Grece elkartasun gunearen arduraduna Greziatik. Salonikan zebilela egokitu zaio ikustea hiru egunez etenda eduki zituztela odola behar zuten kirurgiazko operazio guztiak: odolean hepatitisa eta hiesa testatzeko produkturik ez zeukan ospitaleak.... "Kliniketako langileei Hirugarren Munduko egoera batean aritu beharra tokatu zaie, baina aurrez horretarako prestatu gabe. Malko artean kontatzen dizkizute beren ezintasunak eta mundu guztiak ahazturik egoteagatiko etsipena". Urgences Grece blogean irakur daiteke: "Europako zibilizazioaren sehaskan, hiru milioi herritarrek ez dute osasun zerbitzuetan sarbiderik. Haurren heriotza tasa bikoiztu egin da 2008tik. Sinesgaitza dirudi hori gertatzea gure Europa modernoan, zeinaren oinarrietako bat baita denentzako izatea segurtasun soziala eta osasun zerbitzuak". Osasun Grexitik ez! kanpainari ekin diote, Europako agintariei exijitzeko oinarrizko eskubide horiek Grezian ere errespetatuak izan daitezen eta horretarako neurri zehatz bat ezartzea nahi dute: edozein aurrekontu eta programa ekonomikotan blindaturik egon dadila osasun sistema gutxienez 2008ko krisi aurretik zeukan egoera bermatuz. Osasun zerbitzuak 2008ra itzultzea... gutxi esatea dirudien arren gehiegi eskatzea da gaur Grezian. Rebecca Harms Europako Legebiltzarrean Berdeen liderra denak ekainean Alexis Tsipras lehen ministroari Atenasen eskura eman dio egoera dramatikoa laburbiltzen duen gutuna . Troikak 2010ean Greziari zorra bideratzeko lehenbiziko memoranduma ezarri zionetik, drastikoki moztu zitzaizkion diruak eta pertsonala osasun sistemari. 2009an osasungintzak Barne Produktu Gordinaren %7 zeraman, Europako herrialdeen bataz besteko berdinean; gaur egun %3,5-%4ra murriztuta dago. Ospitaleek 2012an 2.000 milioi euro gastatu zituzten, iaz 1.300 milioi eta aurten 1.160 milioi... 2013tik hasi da ikusten murrizketa horiek krisi humanitarioa eragin dutela greziarren artean. Haurren hilkortasun tasa 2012ko %2,7tik %4ra igo da. Azken bi urteotan haur jaio berrien kopuruk %2,1 gutxitu da eta, aldiz, heriotzak %1,17 gehitu.  Gaixotasunen artean, 2009tik 2015era infartuak ugaritu dira %1,4tik %2ra, diabetesak %7,9tik %9,2ra, depresioak %2,6tik %4,7ra. Eritasunen Prebentziorako Institutuak iaz egindako ikerketa batek erakutsi zuen egunero botika hartzeko beharra daukaten lau herritarretatik batek bere aldetik murriztu dituela erremedioen erosketak, horiek pagatzeko zailtasunengatik. Bostetik batek erabat utzi ditu botika guztiak, ordaindu ezin dituelako. Aurrekontuak murriztu izanak material eta langile faltan murgildu ditu ospitale publikoak. Batzuei nazioarteko laguntzaz antolatutako klinika humanitarioek bidaltzen diete materiala. Gaixoen itxaron zerrendak izugarri luzatu dira. Minbizia daukatenek erradioterapia hartzeko 4-5 hilabetez egon behar dute zain, honek heriotza probabilitateak asko handituz. Txostenak aitortzen dizkio Syrizaren gobernuari hilabeteotan egindako esfortzuak, baina lege berrien emaitzak oraindik ez direla ikusi erantsita. Orain lehentasuna Greziako osasun sistema aurrekontuen murrizketen programetatik ateratzea da, dio. Sendatzea ordaindu ala hil Europako Berdeek Tsiprasi eskainitako gutuna George Vichas kardiologoak sinatzen zuen. Vichas da Helliniko hiriko MCCH Metropolitan Community Clinic auzolaneko erietxearen sortzailea. MCCH Hellinikon ari den moduan auzoetako 8 anbulatorio txikiagorekin, Grezia osoan beste 50ek artatzen dute jendea doan borondatezko mediku, erizain eta beste herritar askoren artean. Vichas ospitale publiko batean ari da soldatapean eta orduz kanpo MCCHn. Jarduera nekagarria, forma fisiko onean egotea eskatzen duena, krisiaz eta murrizketez asko erakusten duena: "Urte betetik hona, alabak ez dit galdetzen gehiago krisia noiz amaituko den". Beste doktore askok bezala Vichasek ere gaizki zeraman txirotasunean eroritako gaixo askoren estutasunak ikustea, diru eta bitarteko faltagatik jendea okerragotu eta hiltzea. 2011ko abuztuan Mikis Theodorakisen kontzertuan zegoen Vichas, Hellinikoko aireportu militar abandonatuan, han entzun zion kantari mitikoari medikuei eskatzen arren laguntzeko lana galdurik aseguru sozialik gabe geratutako eriei, Troikak ezarritako murruzketek osasun sistematik baztertuei. Lan egiten duen ospitale publikoko zuzendariari baimena eskaturik –"hura ere kezkatuta zegoen osasungintzan aurrekontuak %40 jaitsi eta mediku asko  lanetik bota zutelako"– sendagile eta erizain talde batekin Hellinikoko aireportu zaharrean antolatu zuten poliklinika humanitarioa. Der Tagesspiegel egunkari alemanari Vichasek argitua dio borondatezko lanok ez direla adabakiak baizik, jendeen oinazeak arintzeko modu probisional bat, helburua osasun sistema publikoa bere onera azkar ekartzea dela. Eta hain dago txarto sistema publikoa... "Iaz Greziako iparraldeko ospitale batean hilabete luzez aritu ziren lanean haur jaio berrien zilbor-hesteak lotzeko pintzarik gabe, ezin zituztelako erosi". Diabetikoek ere asko nozitzen dute intsulina ordaindu ezinagatik. Ezin ahaztu minbiziengatiko heriotzen ugaritzea, botiken garestitze eta artatze eskasengatik. Baina, gainera, indartzen ari dira krisiaren seinale diren hiru gaitz: hiesa, tuberkulosia eta hepatitisa. Vichasek abisatzen dio Europari infekzio horiek ez dutela mugarik ezagutzen. Vichas doktorea haserrarazten du –Atenasko aurreko gobernuei beren erruak barkatu gabe– Troikak greziarrei ezarritako memorandumak, xehetasun osoz azaltzen baititu osasun sistema publikoan egin beharreko murrizketak. "Sarritan galdetu diot nire buruari ea zergatik bortxatzen gaituzten gastuak murriztera, honekin Greziaren zorra handiagotzea baizik lortzen ez dutela jakinda. Azkenean ondorio honetara iritsi naiz: praktikan ezarri nahi dute ideologia bat dioena dirua daukanak bizitzeko eskubidea duela eta dirurik ez duenak hil egin behar duela".
news
argia-4b0495af28aa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/txapeloaz.html
Txapeloaz
Oier Araolaza
2016-09-18 00:00:00
Txapeloaz Smithsonian Fundazio estatubatuar ahaltsuak Euskal Kulturari eskaini dio Washingtonen egin ohi duen folklore jaialdi erraldoia. Eztabaida izan da euskal ordezkaritza folklorikoegia ala justu kontrakoa, folklorearekin akonplejatua izan ote den. Nik bigarrena diot, eta salatu nahi izan dut euskaldunok Ameriketan erakutsi dugula gure folkloreaz lotsatzen garela. Munduko kultur ondare bizia ezagutzera ematea du helburu Smithsonian Folklife jaialdiak. Antolatzaileek euskal agintariei egindako eskaera argia zen: euskal folklorea, ondare tradizionala ezagutu nahi zuten. Euskaldunak moderno itxura eman nahiarekin obsesionatuta aritu gara: Innovation by culture lema jarrita euskal ordezkaritzari gure konplexuak behin eta berriz agertu dira programan: bertsolaritza Modern bertsolaritza izan da, sukaldaritza Innovative Gastronomy, herri kirolei buruz aritzerakoan Innovative Technologies in Sport eta euskal dantzaz hitz egiteko New Paths in Basque Dance. Gure folkloreaz lotsatzen gara, eta ondorioz, ez dugu gure kultur ondarea ezagutzen. Edo alderantziz ote da? Ez dugulako ezagutzen lotsatzen gara gure kultur ondareaz? Ez dakit zein den oiloa eta zein arrautza, baina biak ditugu gurekin. Washingtonen, euskal dantza ezagutzera emateko saioetan Txapeloaz dantza erakusten aritu dira euskal ordezkariak. XIX. mendean, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterratik iritsitako dantza inozo xamar bati aldaketa txiki baina iraultzailea egin zioten. Esaldi bakoitzaren bukaeran bikote aldaketa antolatu zuten. Gaur egun arte dirauen arrakasta izugarria eman zion horrek. All American Promenade izenarekin ezagutu zuten Eskandinavian XX. mendean eta Aleman's marsj izenarekin hedatzen jarraitu zuen Europan barrena. 1970eko hamarkadan Frantziako Chapelle des Bois herrian ikastaro batean erakutsi zuten. Han ikasi zutenek, dantzaren izenarekin akordatu ezin eta Chapelloise [Chapellekoa] deitzen hasi zitzaizkion. Euskal Herrira Patxi Perezek ekarri zuen 1990eko hamarkadan. Chapelloise gurean Txapeloaz da, dantza bera, izen bera, grafia euskaratuta. Ondorioa? Ipar Amerikako dantza bat erakutsi diegula euskaldunok estatubatuarrei, euskal dantza delakoan eta milaka urteko gure kultur ondarearen erakusgarri. Euskal Herrian artista handiak ditugu tangoa, capoeira edo hip-hop-a dantzatzen, eta modernoak eta kosmopolitak garela erakutsi nahi izanez gero horien ikastaroak eta erakustaldiak eman genitzakeen Washingtonen. Susmoa dut, ordea, ez gaituztela gonbidatu Ameriketara bufaloak ehizatzen eta bakearen pipa erretzen erakustera.
news
argia-3ab0d2640d0a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/joseba-otondo-baztango-alkatea.html
"Alternatiba soziala pertsonarengan gehiago pentsatuz landu behar dugu"
Mikel Asurmendi
2016-09-18 00:00:00
"Alternatiba soziala pertsonarengan gehiago pentsatuz landu behar dugu" Elizondo, 1977. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna, Leioako EHUn. Xorroxin irratian eta Xaloa telebistan kazetari izana. Gaur8n eta Nafarkarian aritutakoa. Sortuko kidea da. Baztango alkatea EH Bildutik: "Borroka sozialak, intsumisioa, Itoizko urtegiaren afera eta lurraren defentsa bizi izan ditut. Horiek balio sisteman zuten garrantzia, beren kutsu erreboltari antikapitalista eta alternatiboa ezagutu ditut, baita gatazka politiko bera ere. Errepresio historiko berezi baten testuinguruan hazia naiz. Herrigintzatik heldu naiz alkate kargura", erran digu solas oparoaren abiaburuan. Ekainean urte bat bete zenuen Baztango alkate karguan. Egin iezaguzu orain arteko agintaldiaren balorazioa.   Neuretzat aberasgarria izan da. Arlo politikoan, berriz, EH Bildu udalera heldu zen programa politiko batekin, herritarrak defenditzeko, beraiek nahi duten moduan. Herriko hautetsiak gara eta herriari zor gatzaizkio, gure eguneroko ingurunearen zordun gara. Gure harremanak denekin lantzen ditugu, akordioak eta desadostasunak izan dira. Iragan urteko ekainean kargua hartu eta abuztuan alkate gaitzetsia izan nintzen, Aroztegia-ren [Lekaroz herrian proiektatutako konplexu urbanistikoa] gaia dela eta. Aurtengo aurrekontuak, lehenbizikoz Baztanen, ez ziren onartu izan lehen itzulian, bigarrenean bai. Geroa Baik Aroztegia proiektuan duen menpekotasunagatik, jarrera oldarkorra hartu du Baztango udalaren kontra, UPN eta Auzolan-ekin bat eginez, Baztango jarduera instituzionala trabatuz. Hala ere, estrategikoak diren gauzetan aitzinera egin ahal izan dugu,  Baztan artikulatzen duten ideiak, bere aspirazio kolektiboak eta balioak, guk ordezkatzen dugun programa progresista eta euskaltzalearekin bat egiten dutelakoz. Aroztegia proiektuan Geroa Bairekin ezin moldatuz ari zarete. Bai. Hasteko, Geroa Baik bere aldeko jarrera argudiatzen du proiektua lehenagotik datorrelako. Hala izanik ere, Nafarroako Gobernuaren lurralde antolaketa, administrazio eta ingurugiro sailek Aroztegia gelditzeko aukera izan zuten. Hauteskunde aitzintxoan UPNko jarduerako gobernuak PSISa (Udalaz gaindiko plan sektorial eraginkorra) onartu zuen, foru interesekoa izendatuz. Iazko uztailean, Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuari gaia berrikusi eta erabakia birpentsatu zitzan eskatu zion epaitegietara jo aitzin. Gobernuak aukera izan zuen galdera horren bitartez PSISa gelditzeko. Gobernuak egin zuen txostena eskasa da. Argi dago, PSISa eta proiektuarekin aurrera egiteko erabakia hartua zuen. 2008an jada enpresa sustatzailea saiatu zen PSISa bultzatzen. Orduko teknikariek Gobernuari erran zioten aski zela Baztango udal planaren egiturazko aldaketa egitea eta modu horretan planari ekitea. Geroa Baik dio lehenagotik datorrela, hala da, baina bazuten gelditzea Gobernutik. Hori onartu  behar dute. Auzibidea berriz zertan dago gaur egun? Batzar Nagusiak administrazioarekiko auzi bat ireki du Nafarroako Auzitegian, hori ebazteko dago. Halaber, bestetik, Sustrai plataformak "Aroztegia eta gero zer?" taldearekin bertze auzi bat zabaldu du, PSISaren eta Gobernuaren kontra. Artean, PSISa onartu dute eta enpresa sustatzaileak urtea akitu baino lehen lanean hasi nahi duela erran du. Maiatzean Elizondoko karriketan 1.500 lagun manifestatu ziren proiektuaren kontra. Ekainean herri galdeketa egin zen Baztango "Aroztegia proiektuan duen menpekotasunagatik, Geroa Baik Baztango Udalaren kontrako jarrera oldarkorra hartu du" eredu sozio-ekonomikoari buruz, parte hartu zuten herritarrek nagusiki kontra bozkatu zuten. Lekarozen 2008an galdeketa egin zen, lekaroztarrak kontra paratu ziren, Lekarozko Herriko Batzarra ere bai. Bertako festak pasa berri dira eta giroa tenkatuta zegoen. Jendea ez dago etsitzeko prest. Horiek horrela, aldaketaren gobernua delakoa, bakartasunean osatua, ez baita koalizio gobernua, aitzindari izan beharrean, iraganarekin hautsi eta gatazkak gainditzeko demokrazian sakondu ordez, berean tematu da. Erregimen zaharraren modura ari da, herritarrei galdetu beharrean, PSISari atxiki zaio. Zergatik? Hori jakin nahi nuke. Galdera berresten dizut. Zergatik? Ezkutuko interesak daude nonbait, Geroa Baiko agintari batzuekin lotzen direnak. Ez naiz eroskeriaz ari, tratuez eta ezagutzaz baizik. Irizpidea dutenei buruz ari naiz, gauzak erabakitzen diren tokietan eragiten dutenaz, jarrera hartzerakoan erabakitzen dutenaz.   Nafarroan gobernu aldaketa eman zen. Nola eragin du horrek Baztanen?   Baztani buruz keinu sinboliko batzuez harago ez dut aldaketa aunitz sumatu.  Noski, adibidez, Gobernura deitu eta euskaraz hartzen zaituzte, beste abegikortasuna dago hizkuntz terminotan. Gainerakoan, aldaketa gutti. Ulertzen ahal dut Geroa Baik gobernu egoera ekonomiko txarrean eskuratu zuela, horrek egokipen batzuk eskatzen dituela, hori islatzea gobernuaren jardunean, praktika erreal eta materialetan. Ulertzen dut ere oinordetza pozoitsua hartu zuela eta horrek baldintzatzea lehenbiziko bulkada. Ezkutuko sariek urtean 60 milioi euro zurrupatzen baldin badute, arazo eta ezintasunak daude aldaketa gauzatzeko. Baina, egiari zor, horiek horrela, aldaketak deus gutxi ekarri du gurera. Adibidez, Manu Ayerdik [Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea eta Ekonomia Garapeneko sailburua] ikerkuntza, berrikuntza eta garapena aipatzen ditu. Baztani buruz ari bada, nire galdera: zer da lurraren birkalifikazioa? Berrikuntza izateko aski termino zaharra. Gure ikuspegia beharbada ez da zuzenena, Aroztegiaren aferak baldintzaturik baikaude, baina, nire ustez, borondate falta dago aldaketarako. EH Bilduren programa politikoa aipatu duzu. Zein da Baztanen garatu nahi duzuen eredu politikoa? 2015. urtean, EH Bilduk Baztangoari buruzko iparra finkatu zuen 10-15 urtera begira. Programan tokiko ekonomiaren ikuspegitik hainbat erronka garatu beharra eta nahia ageri dira. Landa eremu baten egitura ekonomikoa urria da, Baztanen lanean ari direnen %48 gizarte asegurantzan autonomo bezala afiliatuta dago. Industria eremuetan, hirietan, %14 izaten da. Beraz, Baztango herrietan enpleguarekiko begirada aldatu behar dugula diogu. Errazena da hedabideetatik eta akademietatik gure eskualdea interpretatzea eta gure tokian eragiten saiatzea: horien begirada nagusia hiritar eta industria zale da. Aldiz, egoerak etengabeko berregokitzapena eskatzen digu. Baztango ekonomia eragile kolektiboek eraiki behar dugu, oso barreiatua dena. Eragile ekonomiko kolektibo horiek sortuta, denak bateratu dituen egitura ikusi nahiko genuke 2017rako. Errate baterako, hastapenean Baztango zaporeak ekimena sortu genuen bertako transformatzaileekin, landa txikiko ekoizpena bultzatuz. Aitzindaritza eta sinesgarritasuna irabazi dugu lehen urtean. Bertzalde, horrekin bat datorren zutabe sozio-kulturala da: herri hezitzailea kontzeptua Euskal Herri osoan hasi genuen lantzen, baita Baztanen ere. Guk kontzeptu horri Kerizu Beretik eman diogu izena eta hainbat proiektu garatzen ari gara norabide horretan. Zuk errana da: "Sostengarritasunaren alde egin dezakegu edo eredu ekonomiko agortuarekin jarraitu". Zertan da Baztango eredua, sakon begiraturik? 7.848 bizilagun gara, langabezia tasa %10 ingurukoa da. Askok bere burua enplegatzen du autonomo bezala. Leku guztietan bezala, krisi sozial klimatikoa ekologikoa ari gara bizitzen eta ez dakigu nora joko duen. Testuinguru nahasi horren barnean, gure jendartea eta komunitatea tipia da, hori da ereduaren ezaugarri behinena. Guk ditugun ahalmenak ditugu, tokiko garapena interesgarria da, baina tokiko egiturak eta erreforma sakonak behar ditugu, aldaketa estruktural sendoak. Baztango nekazariak %7 dira. Ez da nekazal eremua, landa eremua da. Zer da landa eremua? Inork ez du definitzen zer den. Landa garapen politika erraten da. Zer da baina? Inor ez da kapaza ondo azaltzeko. Landa politikaren azterketa serioak behar ditugu, xedeak zintzoki finkatzeko. Nekazaritzarik gabeko landa eremua geratzen denean, zer dago? Bada, zailtasun aunitz. Nork eginen du lurraren eta ingurugiroaren kudeaketa? Baztan da Euskal Herriko udal lurralde handiena. Paisaia %7k kudeatzen du, dagoeneko marjinala den jarduera tasa. %10 eraikuntzako enpresak edo langileak dira. Gehienak Baztanetik kanpo ari dira. %22 industria, asko Bortziriak eta Iruñerrian ari dira. Zerbitzu sektorea, berriz, %65-67 da: adinekoen zaintza, komertzioak, langile publikoak eta turismoa. Turismoa goraipatua da gaur egun. Baina zer da turismoa? Baztanen 10.000 bisitari izan ditugu aurten. Gero eta gehiago datoz, baina sasoiko enplegua da, prekarioa, hortik jende gutti bizi da. Gainera, turista horietako batzuek etxebizitza erosten dute, ez dute bideratzen alokairurako, eta etxebizitzaren arloan arazo larriak sortzen dituzte. Alternatiben Herria ekimena omen da sistema aldatzeko bidea. Zu horren aldekoa zara. Baztanen aplikatzerik ba al dago? Zaila da hori zehazten. Hasteko, jendartearen alternatiba –sozial, politiko eta ekonomikoa– pertsonarengan gehiago pentsatuz landu behar dugu, lehengaia pertsona gara, gure beharretatik hasi behar dugu. Baina, nola eginen dugu bideragarria, landa eremutako gazteen iruditegia hiriak kolonizatuta badago. Baztanen, XX. mendean eman zen hiriaren eta herriaren arteko dialektika areagotu da berriz ere, eztabaida hori zaharberritu behar dugu. Hau da, Europako Erasmus programa hizpide, "kanpoan ikasi hemen bizi" lema da hedabide ahaltsuek saltzen dutena. Bizi eredua kontsumoaren ideiaren bidez garatzen bada, aspirazioa kontsumo hazkorraren ideia bada, sozialki gora egiteko aukera xedez, bada, kapitalismoak jendea integratzeko eta gatazka sozialak uxatzeko erabiltzen dituen baliabideekin jai dugu. Arazo ekologikoaren mugak begibistan agertzen dira. Sostengarritasuna hizpide. Nola dago kontzeptua gaur egun, zure ikuspegitik? Bada, askotan solas hutsa. Hitza edukiz bete behar dugu. Errespetu guztiarekin diot, sostengarritasuna funtzionarioa izatea xede bada, auto-karabana izatea asteburuan norabait joateko, gaizki ari gara. Parametro horietan baldin bagaude, horrek erran nahi du gure aspirazio pertsonalez ari garela, kolektiboa ez den bertze eremu batean sartzen ari garela. Aitzitik, sostengarritasuna iraultza kultura eta ekonomikoa al da? Bai, baina horrela planteatuta, batzuentzat ez da bideragarria, ez dauka onarpenik herritarren artean. Hein horretan proposamena guztiz erreakzionarioa gera daiteke. Lelo hau gailentzen da segituan:  etorkinek lana kentzen digute. Faxismoaren muina elikatzen ari da, gizarte lehia etengabe hazten doa. Indarrean dagoen eredua agortua dela jakinik ere, ez bagara diskurtso gutxieneko bat artikulatzeko kapazak, jendeak minimoetan onartu dezakeena, zaila dugu eredua aldatzea. Garapen eredu berriak bertze kontzeptu sakoneko eta eraldatzaile batzuk landu behar ditu.
news
argia-c473ab45ba17
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/liburua.html
Bizi gara, bizi!
Amaia Alvarez Uria
2016-09-18 00:00:00
Bizi gara, bizi! Bea Salaberrik bere opera prima n idazleek gomendatzen dutena egiten du, hau da, literatura idazten hasteko inguruneari begiratu behar diogu begiak ondo zabalik ditugula eta gure koadernoan jaso interesatzen zaizkigunak. Honekin batera, idazlea izateko asko irakurri behar dela ere esaten dute. Besteek egin dutena ezagututa ereduak izateko eta idazteko era desberdinak ezagutzeko. Inguruari begiratzeko lanean, etxean, lanean eta kalean gertatutakoak eraman ditu orriotara, eta egunerokotasunean topatu dituen printzak irakurlearekin partekatu. Modu honetan desautomatizaziorako gonbitea eta kontzienteki bizitzeko deia egin digu lan honekin. Gure bizitzan oharkabean pasatzen zaizkigunak edo kultura eta tradizio batzuen oinordekotza transmititzen dizkigu 30 kontakizunotan. Alde batetik, zertzeladak eta inpresioak ditugu, eta beste alde batetik, genero eta klase hegemonikoen presentzia. Salaberrik ohiko une, toki eta objektuak begien aurrean ipintzen dizkigu haien eraginari edo presentziari buruzko gogoetak eginez. Adibidez, Ortzia uda minean en udako ekaitzek ekartzen duten lur bustiaz ari da, Biga bostetan Marengora n Baionako kale batzuen artean kokatzen gaitu ematen dituzten aukerak aletuz, edo Garbigailu-larsen en etxeko soinu banda denari begira jartzen gaitu.      Honez gain, gure kulturako harreman, jokaera eta erritualei egiten die kasu, klase gatazkak edo pobreziaren ondorioak agertuz eta kritika soziala eginez Heroiak narrazioan, edo familiaren egituraren pisua argitan jarriz Bayonne 17 n, baita hilekoa nola bizi duen azalduz Gorriak en. Esperientziak eta emozioak ere ekartzen ditu memoriaren bidez, hala nola, haurretan hain bereziak diren zabuak edo txangoak eta hauek sorrarazten dizkiguten sentsazioak Gorgoina n eta Autobusa n, edota Soroan hordi ko eta Ator botoia ko zoriona eta gozamena. Esan bezala, ingurutik jasotakoak konpartitzen ditu irakurleokin, baina honekin batera ere eredurik aipatzen du, bereziki Itxaro Borda. Gasna izeneko testuan idazle honen izena eta bere %100 basque liburuari erreferentzia egiteaz gain, liburuaren lehen narrazioaren izenburuan ere topa daiteke Bordaren estiloaren eragina. Negarra begian izenburua ipini dio euskal kantutegiko abesti ezagun bati erreferentzia eginez, Bordak bere detektibe nobela guztietan erabiltzen duen baliabidea. Azkenean, liburu honek, Zergatik ez? narrazioan esaten duen moduan, "bizi garela sentitzeak du inporta", bestela esanda, bizitako horren jabe izateak.
news
argia-d0e9d63e1e9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/dozenaka-erretzen-diren-birziklapen-planten-misterioa.html
Dozenaka erretzen diren birziklapen planten misterioa
Urko Apaolaza Avila
2016-09-18 00:00:00
Dozenaka erretzen diren birziklapen planten misterioa Hamar egun behar izan dituzte Chiloecheseko (Guadalajara) hondakin arriskutsuen plantan izandako sutea erabat amatatzeko; azkenaldian Espainiako Estatuan erre diren gisa bereko dozenaka azpiegituren artean beste bat. Euskal Herrian ere badira hainbat kasu. Zer misterio dago atzean? Gaztela Mantxako Seseña eta Chiloeches egin zaizkigu ezagun azken hilabeteotan, baina hemerotekari errepasoa eginez gero, konturatuko gara hondakinak tratatu edo birziklatzeko plantak dozenaka erre direla azkenaldian Espainiako Estatuan. BlogSOStenible atarian hartu dute horietako batzuk zerrendatzeko lana eta 50 zenbatzera iritsi dira di-da batean. Zenbait tokitan sutea birritan izan da, horixe gertatu da esaterako Valentziako Riba-Roja eta Alzira herrietan eta Sevilla, Pontevedra edota Madrileko beste planta batzuetan. Zerrendan Nafarroan iaz erretako bi planta ageri dira: Andosillan bata –hondakinak garraiatu eta tratatzen dituen Rinacon Gestion S.L-rena– eta Murillo el Frutokoa bestea –erabilitako pneumatikoak tratatzen dituen Indurgarbirena–. Baina badaude kasu gehiago.  Hedabide honen webgunean bertan eman genizun beste sute baten berri, Arabako Araiatik gertu apirilaren 25ean izandakoa: Sertego Intervesases-en ontzi industrialak tratatzen zituzten, suak fabrika kiskali eta langile gehienak kalean geratu aurretik. Negozioa bilketan, ez egiazko birziklapenean Bistan da gehienean hidrokarburoz osaturiko materiarekin ibiltzeak badituela bere arriskuak. Baina BlogSOStenible-ren arabera hainbeste sute "istripuz" gertatzeko probabilitatea ezinezkoa da. "Zer arrazoi ezkutuko daude atzean? Subentzioak jasotzea? Aseguru-etxeei kobratzea? Agian negozioa bilketan eta politikariekin argazkia egitean datzala, eta ez egiazko birziklapenean?", diote. Chiloechesen baimenik gabe gordetzen ziren 20.000 tona hondakin arriskutsu, "inerte" bezala tratatzea merkeagoa baitzen enpresarentzat.  El Diagonal hamabostekari ezkertiarrak publikatu duenez, krisiarekin halako planten gaineko deskontrola handitu eta mafiak ugaritu dira, eta erakunde publikoak dira horren erantzule: "Horretara behartuta dauden arren utzikeriaz jokatzen dute", azaldu dio Jose Ramón Becerra Equo Euskadiko kideak. Bestalde, aspaldion askok susmo txarrak ditu Ecoembes enpresarengan. Ontziak kudeatzeko duela hogei urte sorturiko irabazi asmorik gabeko sozietatea da, eta Coca-Cola, Danone eta gisa horretako markak ditu bazkide, besteak beste. Ecoembesek du Espainiako Estatuan monopolioa alor horretan. Eurostatek Espainiarentzat emandako datu katastrofikoek –%20 baino ez omen da birziklatzen eta %10 konpostatu– adierazten dute badagoela tara handi bat Ecoembesen bilketa eta  birziklatze sisteman. Beste zenbait herrialdetan, erabilitako ontzia uztearen truke dirua itzultzen diote norbanakoari. Espainiako Estatuan, ordea, ontzia ordaindu eta berrordaindu egiten du kontsumitzaileak. Eta polizikliko aromatiko edo dioxina forman itzultzen digute, konbustio misteriotsuaren eraginez.
news
argia-0769795bdd1a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/bizitzeko-gainontzeko-animaliak-ustiatu-nahi-ez-dituen-jendea.html
Bizitzeko, gainontzeko animaliak ustiatu nahi ez dituen jendea
Irati Sarasua Arabaolaza
2016-09-18 00:00:00
Bizitzeko, gainontzeko animaliak ustiatu nahi ez dituen jendea Begano eta aktibista maila berean direla diote erreportaje honetako bi protagonistek. Biak dira Donostiako Askekintza taldeko kide, eta animaliekiko elkartasun jarrera gisa definitzen dute eurek beganismoa. Mugimendu honen hastapenetako lau frikietako bi direla diote, harrotasunez. Jaiki eta soja esnez eginiko kafesnea gosaltzen du egunero Xabi Arratibelek. Horri gehitzen dizkio gurin pittin batekin goxatutako tostadak eta fruta. Eguerdian tofua, soja testurizatua eta tomatez eginiko saltsa botatzen dio pastari. Eta eguna entsalada edo pure bat janda amaitzen du. Beganoa da, eta horrek protagonistaren eguneko ia momentu guztietan du eragina; begano izanik ez du animalietatik datorren ezer jaten ezta erabiltzen ere, gainera, aktibista ere bada, eta, ondorioz, bizitzako esparru guztietara zabaltzen du jarrera hori. Ekaitz Ibañez da, Donostiako Animalien Askapenerako Mugimenduan, Askekintza taldean, Arratibelekin lan egiten duen bigarren protagonista. Haren hitzetan "gainontzeko animaliekiko elkartasun jarrera" da beganismoa. Berak ere argi du beganoa eta aktibista maila berean direla; arazoa gainontzeko animaliek egun bizi duten egoera dela dio, "oso larria", haien ustez, egunerokotasunean objektu edo baliabide bat bailiran erabiltzen ditugulako. Tomate edo egur zati bat bezala erabiltzen ditugula uste du berak. Euren bizitzak aktibismo horretara bideratzen dituzte biek. "'Pertsonala politikoa' da esaldia erabiltzen da feminismoan, eta gurean ere berdin". Ibañez duela bi urtetik da beganoa, eta Arratibel duela bostetik. Animaliak eurengandik oso gertu sentitu izan dituzte biek beti, eta bien kasuan gertutasun edo enpatia hori begano izateko erabakigarria izan bazen ere, nabarmendu dute ez dela beti horrela izaten, badagoela enpatiagatik baino justiziagatik egiten duenik ere. Arratibel aurretik begetarianoa izan zen eta urrats bat bestearen atzetik eman zuen. Haren ustez, beganoa jarrera politikoa duena da, eta begetarianoa de facto animalien produktuak jaten ez dituena, dietara soilik mugatzen dena. Jarrera politikoa "Arraro sentitzen gara beganismoa elikaduraren tiraderan sartzen dutenean, uste dugulako justizia sozialaz ari garela. Guretzat, bi hitzetan, jarrera politikoa da", aldarrikatzen du Arratibelek. Elikaduraren alorra biktima gehien dituena dela ziurtatzen dute, baina, era berean, beste hainbat esparruri ere erreparatzen diote, eta euskal jendartea, gainontzekoak bezala, espezista dela pentsatzen dute. Herrietako festetan ere jarria dute begirada; azken hiru urteotan "Festak ospatu animaliak askatu" izeneko kanpainari ekin diote, Euskal Herriko festetan animaliekin egiten den erabilera salatu asmoz. "Gure gastronomiak dituen karga kulturalaz ere zer esanik ez, animaliak konfiskatzea dakar, txuleta idolatratzen da, esaterako", dio Arratibelek. Xabi Arratibel, Askekintza: "Arraro sentitzen gara beganismoa elikaduraren tiraderan sartzen dutenean, uste dugulako justizia sozialaz ari garela" Askotan mundu irreal batean bizi dela sentitzen du Ibañezek: "Begano izanik beste modu batera ikusten dut guztia". Harategitik pasatzean gorpuak zintzilik ikusten dituela nabarmentzen du, harentzat ez direla haragi pusketak, bizirik egon nahi zuten izaki batzuen gorpuak baizik. "Askotan ingurukoak beste norbait jaten ari direla ikusten dut eta deskonektatzea kosta egiten zait, niretzat norbanakoak direlako, ez objektuak". Hainbatetan maite dituen pertsonek berak eginiko borroka zabor-ontzira botatzen dutela sentitzen du: "Asteburua txerri baten bizitza salbatu nahian pasatzen duzu, etxera iritsi eta platerkada bat txerriki jaten ari dira etxekoak; imajinatu zer sentitzen dugun!". Asteburu bateko bizipenak kontatu ostean ere, nabarmentzen dute eurak une gogorrak bizi arren, biktimak ez direla eurak, animaliak baizik. Ezjakintasuna 15 urte besterik ez zituen Ibañezek Askekintzan lanean hasi zenean: "Heltzen joan naiz, Askekintzan konpromiso gehiago hartzen joan naizen neurrian, eta hori egunerokotasunean islatzen da". Uste dute pedagogia lan handia dagoela oraindik egiteke, "ezjakintasun handia" dagoelako. "Jendeak ez daki kontsumitzen ari den gorpu hori nondik datorren, ez injustizia bat denik, ezta atzean dagoena espezismoa denik ere". Horregatik, ezjakintasun horri erantzun asmoz, eurak Askekintzan egiten duten aktibismoaren zati handiena horretara bideratzen dute, kontzientziaziora. Beganismoa zabaltzen ari dela uste badute ere, arduratuta daude hartutako norabidearekin. "Beste hainbat mugimendu sozialekin gertatutakoa ari zaio pasatzen, kapitalismoak funtsean dituen oinarri politiko eta etikoa kendu eta dizkio eta bereganatzen eta negozio bihurtzen ari da azken urteotan", salatu du Ibañezek. Argaltzeko eta osasuntsu egoteko dieta gisa saltzen ari direla argi dute. Zalantza izpirik gabe, osasungarria badela diote protagonistek, baina jarrera politiko hori deuseztatuta ikusteak arduratzen ditu. "Zaila da gizarte espezista aldatzea. Beste emantzipazio borroketan zapaldua dagoena da subjektu iraultzailea, baina animalien kasuan bestela da, beraz, gainontzekoon esku dago egoera aldatzea" Hainbatek esango dute haragia eta arraina jatea beharrezkoa dela gizakiarentzat. Askekintzako bi lagunek ezetz diote. Euren esanetan, ikerketek argi erakusten dute hori, eta ziurtatu dute bizitzako etapa guztietan izan litekeela begano; haurtzaroa eta haurdunaldia dira aipatu dituzten bi adibide. Gogorarazi dute animalia jatorria ez duten produktu asko daudela; besteak beste, barazkiak, frutak, fruitu lehorrak, zerealak, sustraiak edota lekaleak. Euren kasuetara itzulita, Ibañezek, osasun arazo batzuk medio, dieta makrobiotikoa egiten du, eta bi dietak, makrobiotikoa eta beganoa, uztartzeko arazorik ez du izan. Nabarmendu du beganoa denetik osasunez hobeto dagoela, eta gaineratu du haren nutrizionistari beganoa zela esatean lana errazten ziola erantzun ziola (irribarretsu kontatu digu pasartea). Arratibel berriz, bizitza osoan izan da kirolaria, arraunlaria zehazki, egun ere bizitza oso aktiboa du, eta begano izateak ez dio jardunean oztoporik sortu. "Ez da guretzat, besteentzat da" Gizaki jaiotzeagatik ditugun pribilegio batzuk albo batera uztea da, haien esanetan, beganismoa. "Argi izan behar dugu ez gaudela gu erdigunean, beganismoa ez dela guretzat, animalia guztiak errespetatzeko dela, eta gure pribilegioak alde batera uztea dela. Ez dela guretzat, besteentzat dela". Ibañezek argi du. Nabarmendu dute hasieran etxetik kanpo jateko zailtasunak topatzean, ez zirela horiei aurre egiteko gai izaten. "Aukerarik ez bazegoen, nire printzipioak alboratu eta tortilla jaten nuen", dio Arratibelek. Baina denborarekin, kontzientzia politikoa hartzean, horri ere aurre egin diote. Nahiago dute gose apur bat pasatu edota etxean prestaturiko janaria ontzian bueltaka ibili animalia bat kontsumitu baino. Eta galdera bat luzatu du Arratibelek: "Niretzat begano izatea konplikatua bada zer izango da baserrian dagoen animalia batentzat?". Bera Euskal Herriko festa ezagunetan ogi hutsa jaten egon izan da, beste aukerarik ez duelako aurkitu. Hala ere, geroz eta erraztasun gehiago dituela dio, beretzat garrantzitsua dela jakinik, lagunek ere horretan laguntzen baitiote. Ibañezek bere istorio bitxiak kontatu dizkigu. Askotan irteten da parranda aurreko afarira etxean prestatutako tuperra besapean hartuta. Gero, zuhaixka artean gorde, eta parranda amaitzean berriro hartu eta etxerako bidea egiten du. Baina geroz eta aukera gehiago daudela ziurtatzen dute. Jarrera hau zabaltzen ari dela uste dute eta horren adibide da biek mugikorrean duten aplikazio bat: Happy Cow . Munduko edozein lekutan egonik ere, jatetxe begano bat aurkitu liteke aplikazioak duen maparen bitartez. Gure inguruan geroz eta jatetxe gehiago daudela nabarmendu dute; "Donostian aukera asko daude, geroz eta gehiago. Edozein beganok erraza du lagunekin atera eta nahi dituen bokadilo eta platera jateko", esan du, baikor, Ibañezek. Mugikorreko Happy Cow aplikazioarekin, munduko edozein lekutan dauden jatetxe beganoak aurkitu litezke Beste alor batzuetan ere eragiten du begano izateak. Janzteko edota produktuak erosteko orduan, adibidez; gorbata eramaten du egunero Arratibelek lanera, eta zetazkoak ez direnak topatzea ez omen da lan makala izaten. Esparru horretan ere urrats batzuk eman dira azken urteotan, animalia jatorri gabeko produktuak saltzen dituzten dendak zabaldu baitituzte. Hasierako lau frikiak "Kontziente izan behar dugu historian emandako aldaketak lau frikik hasi zituztela", dio Ibañezek barreari ezin eutsita. Hasierako lau friki horiek diren sentsazioa dute, baina hori ere harrotasunez daramate. "Emakumeak euren autonomia aldarrikatzen hasi zirenean, imajinatzen dut, ez zutela pentsatuko egun feminismoak hainbesteko presentzia izango zukeenik gurean". Aurreko mendean sorturiko mugimendua da beganismoa, beraz, "berria" dela diote, eta hastapenetan daudela, baina urrats batzuk egin dituztela ere bai. Arratibelek dio "zaila" dela gizarte espezista aldatzea, baina gai honetan esku hartu beharra dagoela: "Beste emantzipazio borroketan zapaldua dagoena da subjektu iraultzailea, baina animalien kasuan bestela da, beraz, gainontzekoon esku dago egoera aldatzea". Aurtengo udan hainbat herriko festetan azaleratu da animalien erabilerari buruzko eztabaida. Askekintzak eginiko kanpaina, Donostian otordu beganoak egiteko dauden aukerak azaltzen dituena.
news
argia-e2379e01f1ad
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/ruteniera-txikitasunetik-argitara-irten-nahian.html
Ruteniera, txikitasunetik argitara irten nahian
Dabi Piedra
2016-09-18 00:00:00
Ruteniera, txikitasunetik argitara irten nahian Danubio ibaia lagun, serbiarren eta hungariarren itzalean bizi izan dira ruteniarrak aspalditik. Serbia iparraldeko Vojvodina eskualde autonomoa da haien etxea eta harrotasunez eusten diete beren ohiturei eta mintzairari. Hizkuntza eslaviarren entsaladan, osagairik ezezagunenetako bat da ruteniera edo rusyn hizkuntza: Batzuetan ahaztua, beste batzuetan landa giroko dialektotzat joa, ia beti baztertua. Vojvodinan ofiziala da eta badira rutenierazko eskolak eta hedabideak. Hala ere, beste hizkuntza txiki askok bezala, transmisioa du kezka iturri. Zinez txikia da ruteniera, 15.000 hiztunen langara ez baita heltzen, baina herri batzuetan ia hizkuntza bakarra da, adibidez Ruski Kerestur-en. Kroazian eta Kanadako diasporan ere badira hiztunak. Era berean, Ukraina, Eslovakia eta Poloniaren arteko mugan beste ruteniar multzo bat bizi da, etnia berekoa bai, baina hizkuntza ezberdinekoa. Horregatik, adituek "Panoniako ruteniera" izena eman diote Vojvodinakoari, iparraldeko senideen mintzairatik bereizteko. Landa eremuan rutenierak arnasguneak baditu ere, bestelakoa da egoera eskualdeko hiriburu Novi Saden, Serbiako hiri handienetan bigarrenean. "Batzuk beldur dira Novi Saden rutenieraz hitz egiteaz", dio Slavko Njaradi ruteniarrak. Ehunka batzuk badira Novi Saden, baina kalean serbiera da nagusi. Hiriaren erdiguneko Knji�ara Most liburu-denda dotoreko arduradun Alexander serbiarrak dioenez, bezeroek inoiz ez diote rutenierazko libururik eskatu. Ordenagailuan begiratu behar izan du hizkuntza horretan alerik duen jakiteko: Gramatika ikasteko jarraibide bat, horixe bakarra. Eskualdeko hizkuntzetatik gutxien entzuten duena dela dio Sanja ostalariak, "hungariera eta eslovakiera entzutea ohikoa da, baina ruteniarrak herrietan bizi direla uste dut". Beldurrak ahaztu eta ruteniera hiriko bizitzaren parte izan behar dela dio Slavko Njaradik. "Inoiz ez dut arazorik izan Novi Saden nire hizkuntza erabiltzeagatik, beste etnietakoek errespetatu egiten gaituzte". Ruteniarrei erraztasunak ematen dizkiete beren hizkuntzan ikas dezaten, haur eskolatik unibertsitatera arte. Ruski Kerestur-eko (Novi Sadetik 70 km-ra) rutenierazko lizeoan ikasten duten neska-mutilek doan dituzte logela eta jatekoa. Etxean erakutsi zioten Njaradiri ruteniera, harro erabiltzen du eta pozik dago gurasoek hautu hori egin zutelako. Aitzitik, jarrera hori ez dela ohikoa dio, transmisioak kezkatzen du: "Guraso askok ez diote abantailarik ikusten rutenierari, lanpostua aurkitzeko ez baitu aukerarik ematen". Irtenbidea hezkuntzan dagoela uste du Njaradik: "Ikasgai baliagarriak rutenieraz ematea da gakoa, matematikak eta ingelesa kasu. Folklorea ondo dago, baina gai praktikoak ere rutenieraz irakasteko ahalegina egin behar dugu".
news
argia-1f42e7285db7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2521/miren-olasagasti-diasporako-donostiarra.html
"Caracasen aditutako historiak kontatu eta negarra etortzen zait"
Miel Anjel Elustondo
2016-09-18 00:00:00
"Caracasen aditutako historiak kontatu eta negarra etortzen zait" Diasporaren alaba dela dio, baina hurrik eman ere ez  'ni ez naiz hemengoa' esaterik. Hemengoak bezain hemengo da Caracasen jaiotakoa. Donostiako abertzaletasun zaharraren eragileak ageri dira beraren familian, eta sentimendu horrixe helduta bizi da Miren, diasporaren alaba euskalduna. Zurekin hitz egiteko agindu didate, baina ez dakit non duen hasiera elkarrizketa honen hariak… Esplikatuko dizut nik. Donostiako Parte Zaharrean, zapata denda batera sartu nintzen. Dendariak zer joera duen ez dakit, baina abertzalea du familia. Nik bizitza zirkularra dela esan ohi dut. Ez dakizu zergatik, baina denbora igaro eta, halako batean, lehenago zeunden tokian jartzera eramaten zaitu bizitzak. Dena dela, dendara sartu, zapata parea aukeratu, hitzari lotu, izena galdetu, Miren Olasagasti, eta akabo! Jendeari eskemak txikitzen dizkiot, Venezuelako azentua mintzoan eta Miren Olasagasti izena ematen dudanean. Atzerritartzat hartu ohi nau jendeak, baina ez dago horrelakorik, bi maitasun handi ditut nik bizian, Donostia –Euskal Herria, oro har–, eta Venezuela. "Olasagasti, bai. Diasporaren alaba naiz". Harri eta zur geratu zitzaidan dendaria, Miren Olano, eta inondik ere, berak eman dizue nire berri, familiaren historia gal ez dadin. Zein duzu historia? Aitona donostiarra zen, Juan Olasagasti Azkue, 1939an Venezuelara joana. Handik hiru urtera, 1942an, nire aita joan zen, Iñaki Olasagasti Alkain. Etxean aditu nuenez, aitona Donostiako Parte Zahar honetako nazionalistetan lehenetakoa izan zen, nahiz eta birraitona monarkikoa izan, karlista. Hortaz, aitonak hautsi zituen markak etxean, Sabino Aranaren ideien eta Jose Antonio Agirreren atzetik joanda. Badut argazki bat, non gerra garaian, jeneral errepublikano baten hileta ageri den: han dira soldadu errepublikarrak ukabila itxita, eta ondoan, Agirre lehendakaria, sonbreirua jantzita. Han da gure aitona ere, eskuak sakeletan sartuak. Argazkiak badu koxka, hura ikusi eta, aitona ihes egina ordurako, amona hartu baitzuten atxilo: Trinidad Alkain. Ondarretan eduki zutela esan dit lehengusina baten alabak, baina ez dakit han edo mojek zuzentzen zuten kartzelaren baten eduki zuten Prim kalean. Ez dakit xuxen. 1938-39an behar zuela kalkulatzen dut nik. Aitona erbestean eta amona preso, karitatetik bizi ziren etxean. Harrezkero, aitonak ez zuen nahi izan argazkirik ez berari buruz ezer publika zezaten. Gerra aipatu diguzu. Bai. Gerra lehertu zenean, aitonak Segurako lehengusu txikien baserrira jo zuen, eta hantxe babestu zuen familia. Lehengusuei esan zien erokeria hark ezin zuela hilabete baino gehiago iraun, familia han utzi eta bera gerrara zihoala baina laster itzuliko zela. Bitartean, ordea, agindua eman zuten aitona bilatzeko eta atxilotzeko, eta berak hori jakin zuenean Frantzia aldera ihes egin zuen Pirinioetatik barrena. Gerrako historiak beti. Nik ez dakit familia zenbat denbora egon zen Seguran, baina ezin hiru urtez han egon! Noizbait, amona Donostiako etxe honetara itzuli zen, eta ordurako osaba Manuel ere gerran ibilia zen, eta Donostiara itzulia: etxeko bosgarren solairuan bizi zen. Etxebizitzari pusketa bat kendu eta ezkutaleku bat egin zuen bertan. Han bizi izan zen bera. Bila zetozkiola jakiten zuenean, ihes egiten zuen teilatutik teilatura… Gisako historiak aditu izan ditut nik aitaren ahotik, eta ez zituen askotan kontatzen, ikaragarri hunkitzen zen-eta. Venezuelan aditu dituzu istorio-historiak. Aitonak Venezuelara jo baitzuen, garai hartako euskaldun askok bezala. Medina Angarita presidentearen gobernuak euskaldunei sarrera eman zien, dokumentazioa eduki nahiz ez. Aitona ez zuten harrapatu, baina, ordainetan, seme-alabak zigortu nahi izan zizkioten. Haren anaia Joseba, esaterako, Atzerriko Legiora bidali zuten, Marokoko gerrara borrokan. Gure aitari berdin gerta ez zekion, soldadutza adina baino lehen aitonak Venezuelara deitu zuen eta, ondorioz, desertoretzat jo zuten. Gainerako senideak adin txikikoak zituen: osaba Mikel aita baino lau urte gazteagoa zen, eta izeba Miren, sei. Horrela joan zen aita Venezuelara. Eta Venezuelan, zer bizimodu zure arbasoek? Aitonak aurrezki kutxan egiten zuen lan hemen, eta Venezuelara heldu eta tabernari lana egin behar izan zuen, euskaldunen tabernan. Politena zuen izena taberna haietako batek. Aitak ez zuen edaten, ez zekien tabernako lanik, baina liburuxka bat egin zuen, koktelak eta edariak nola prestatu jakiteko. Horixe izan zuen lehen lana Venezuelan. Geroago, zenbait familia aberatsen administrari jardun zuen. Mendoza sendiarentzat lan egin zuen –Polar garagardo-fabrikaren jabeak garai batean, elikagai konpainia handia gaur egun, eta oraingo erregimenak oso pertsegitua–, eta baita Velutinitarrentzat ere; etxegile zailduak. Aitonak kontabilitate lanean jardun zuen 1950 arte. Eta aitak? 1943an aitak nire ama ezagutu zuen. Venezuela ekialdera, Cumaná hirira kanalizazioak egitera lanera joanda. Aitak hemezortzi urte, hamazazpi amak: ezagutu orduko egin omen zuten bat. Ama ikusgarria zen, neska ezinago ederra, polita, lasaia… Aita, aldiz, metro eta laurogeita hamarreko gizona –luziak, luzeak, esaten zieten Donostiako Parte Zaharrean–, mundua hankapean ibiltzeko itxurakoa. 1950ean ezkondu ziren, ordu arte aitak hemengo familia diruz laguntzen jardun zuelako lanean. Izan ere, hemengo bi anaiak Venezuelara eramateko asmoa zuen, eta eraman ere bai. Izeba Miren –Miren Koruko, berez–, hemen gelditu zen, gaixorik zegoelako, amaren ondoan. 1948an eraman zituen aitak bi anaia horiek Venezuelara, eta orduantxe, zorigaitza. Zorigaitza? Bai. Atzerriko Legioan ibilitako anaia ere, osaba Joseba, kontabilitate lanean hasi zen Venezuelako familia ezagun batean, eta hango alaba bat osabaz maitemindu zen. Osabak, ordea, emaztegaia zuen hemen, eta Venezuelako neska hark –guztiz obsesionatuta–, akabatu egin zuen osaba Joseba, Venezuelara heldu eta sei hilabetera. Eten handia izan zen hori. Lehen orrialdeko albistea izan zen egunkarietan. Urteak geroago jakin nuen nik osabari gertatua, paper zahar batzuen peskizan nenbilela: "Pasio-hilketa" irakurri nuen. Familia aberatsekoa zen neska eta halako bertsio bat zabaldu zuen. Hemengo familian sekulako zalaparta eragin zuen osabaren heriotzak, aita Venezuelako neska batekin baitzebilen ordurako, eta hori gertatu ondotik pentsatu zuten hango neskekin ibiltzeak ezin zezakeela onik ekarri. Bestaldetik, gure amaren familiarentzat ere, atzerritarra ez zen ezkontzarako aukerarik egokiena. Hala ere, nire gurasoei dagokienean amaiera zoriontsua izan zuen istorioak, nahiz eta oso garai latz eta korapilatua bizi behar izan zuten. Aita Cumanára joan zela lanean esan duzu. Bai. Venezuelako oihanaren bihotzean ari ziren lanean, Guanare ibaia kanalizatzen eta haren gainean zubiak jasotzen, Herri-lanetako Ministerioarentzako lanean. Han ari zela gaixotu egin zen aita, sukar horia harrapatu zuten. Gaitzari "ekonomikoa" izena ematen zioten han, ez zegoelako sendagaietan gastatzeko dirurik eta jendea erremedio gabe hiltzen zelako. Hala ere, sendagile batek leherrenak egin eta salbatu zuen aita, 21 urteko mutil sasoikoa orduan. Aita esker oneko izan zitzaion harrezkero sendagile hari –Asuaje doktorea zen–, eta gero, aita Caracasera bizitzen joanagatik ere, urtero egiten zion bisita sendagileari, hiriburutik Apure estatura. Zer kontatzen zizun aitak hemengo gaztaroaz? Gogoratzen naiz, ni lotan, deiadarrak aditu izan nituela behin edo behin. Orduan, amak astindu egiten zuen aita, esna zedin, eta aitak esaten ziona dakit: "Eskerrik asko, ama, bizia salbatu didazu. Ni fusilatzen ari ziren". Aitak kontatzen zuenez, osaba Manuelek, etxe honetako ganbaran ezkutatuta egon zenak, ingelesen bidez heltzen ziren albiste bila bidaltzen zuen aita, Manuel bera baino anaia gazteagoa. Aitak botatan sartuta eramaten zizkion berriak, tropek etxeratzeko deia jo baino lehen. Trukean, osabak eskupekoa ematen zion. Aitak esaten zuen behin baino gehiagotan geratu izan zela Barandiaran ondoko gozotegi batean goxoren bat erosten, etxeratzeko deia jo zutela konturatu ez, eta behin edo behin soldaduek edo harrapatu eta kolpeka eraso ziotela. Aitak kontatzen zuen, beste batean, nola tropa frankistak Donostiara sartu eta armamendua hustu zuten Plaza Nagusian. Lagunekin joana omen zen mojen baratzera, sagar-lapurretan edo, baina baratzezaina ohartu, eta beraien atzetik abiatu zela. Plaza Nagusian, non tropek armamendua hustu baitzuten, granadak harrapatu zituztela, bengalak edo etxafuegoak zirelakoan, eta atzera mojen baratzera itzuli omen ziren, granadak botatzen. Ume zaharrak zer diren! Ez zuten kontzientziarik! Harrezkero, ikusita nago San Telmo museoan irudi bat, "Haurrak gerrara jolasean". Bada, horrexetan ari ziren aita-eta. Hemengo kontuak zituen. Han, hemengoak. Caracasen bateko eta besteko hariak lotzen zitzaizkion, historiak gurutzatzen eta txirikordatzen zitzaizkion… Urriaren 30etan halloween ospatzen da Caracasen. Nire seme Iñaki txikia zela, beraren ikasgelako 28 haurrak hartu eta etxera ekartzen nituen, askarian. Aitak, betiko galdera beti: "Euskaldunik ba al da Jose Iñakiren gelan?". "Bai, nonbait! Patxi izena du, behintzat, mutiletako batek. Baina ez dakizu, oso jende arraroa da!". Haurraren aitaren izena Patxi Badiola zen. Arraro gabe, itxia zen familia hura. Eta aitak: "Patxi horrekin egon beharrean nago, haren aitona ezagutu nuen Donostian". Ez sinestekoa ematen du, baina hala zen. Nire aita delako Patxi Badiolari joan eta esan zion aita ezagutu zuela. Patxik, ezetz: "Ezinezkoa da. Aspaldi hil zen gure aita. Onenean, Caracasen bizi den beste Badiola baten aita ezagutuko zenuen". Aitak bereari eutsi zion: "Ez, ez, zure aita ezagutu nuen nik. Are gehiago, bertan nintzen zure gurasoek elkar ezagutu zuten egunean: jai-eguna zen, eta baserri batera joan ginen bazkaltzera zure aita eta biok. Horretan, etxeko alaba irten zen, hamabost urtekoa, eta zure aitari gustatu, eta esan zion berarekin ezkonduko zela. Neskak izututa begiratu zion, eta abantadan joan zen, ez zela berarekin ezkonduko esanez. Urteak igarota, Patxi baserrira itzuli, konkistatu zuen, eta ezkondu zen zure ama Mentxu zenarekin". Delako Mentxu deskribatu ere egin zion! Harrigarrizko historia-istorioak erbestean. Elkarrizketa ez zen horretan bukatu. Kontua da Mentxuren familia hura ere donostiarra zela, Parte Zaharrekoa. "10. zenbakian bizi zirela uste dut. Pagola Barandiaran ziren haiek". Aitari aurpegiko kolorea mudatu zitzaion, zurbildu egin zen eta, ondoren, metro eta laurogeita hamarreko gizonkoteak negarrari eman zion. Negar eta negar egin zuen! "Zer duzu aita?", galdetu niolarik, haren erantzuna: "Barandiaran andrea, jatekorik ez genuenean jaten eman ziguna". Horra berriro zirkulua itxi. Eta, gaur egun, zer zaizkizu bizipen eta oroitzapenok? Gerra trauma latza gertatu zitzaion hemengo jendeari, ezin bestela izan. Askok alde egin zuten, asko bertan geratu. Nire iritziz, hemen geratu zirenek denborarekin batera eboluzionatu zuten, eta nola edo hala historia barneratzera iritsi zen. Aldiz, hemendik alde egin behar izan zuen jendea ama-lurretik erauzi izan balute bezala bizi izan zen. Bestelako testuinguru batean bizi zen jende hori, baina, nahitaez, garai bateko osagaiak berragertzen zitzaizkion. Eta haustura eta etena berritzen ziren. Nik, hasteko, Caracaseko etxean aditu ditudan historiak kontatzen ditut. Eta kontatzen ditudalarik, negarra etortzen zait. Nire aurrekoen bizipenak birbizitzen ditut. Miren Olano dendariak lekukotasunok galtzen uzterik ez dagoela esan zidan, eta gizonak, berriz, idazteko esaten dit, baina ez daukat gaitasunik, arkitektoa naiz, ez idazle, ez kazetari. Orduan, nik aditutakoak semeari kontatzen dizkiot, gal ez daitezen. Gure artean ez daudenak omentzeko modua dut haien historia kontatzea.
news
argia-f3f54a397440
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2444/lou-reed-mila-esker.html
Luxuzko oparia Lou Reed zenari eta musikazale orori
Iker Barandiaran
2015-01-04 00:00:00
Luxuzko oparia Lou Reed zenari eta musikazale orori Askoren artean :: Lou Reed, mila esker! Autoekoizpena, 2014 Velvet Underground taldea desagertu eta gerora ezagutu nuen, jakina. Arty -tik bezainbeste zuten apurtzailetik, erritmoak aldatzetik zein giro deserosoak sortzetik besteak beste, eta inspirazio argia izan ziren gero etorriko ziren talde askorentzat. Talde hartatik ezezagunena, Maureen 'Moe' tucker, aspaldi ikusi nuen zuzenean Bilboko En Canal aretoan eta gustatu zitzaidan. John Cale ezagunagoak txundituta utzi ninduen Azkena Rock batean, Gasteizen. Sterling Morrison ezin izan nuen inoiz ikusi, baina Velvet Undergrounden ostean ibilera emankorrena izan zuen Reed aldi bakarrean ikusi ahal izan nuen, Kursaalean, eta hotz utzi ninduen; ez zuen kontzesio bat bera egin. Haren heriotzak lur jota utzi zuen jende asko, eta horien artean Reedekin eta haren taldekideekin harreman estua izandako Ordorika anaiak. Hala, Jonan Ordorika soinu ingeniari beteranoa tematu zen Louren omenezko disko bat egiten euskal musikariekin euskaraz; eta Louren taldekideek laguntza eskaini zioten, ongietorria izan dena. Egindako castinga ikaragarria da: ez bakarrik puntako interprete eta musikariek parte hartu dutelako, baizik eta bakoitzak aukeratu edo egokitu zaion kantua bere egin duelako. Hitzek ere azpimarra merezi dute; Txuma Murugarrenek euskarara itzuli eta egokitu ditu, gurean abestuta sinesgarriak bilakatzeko. Ruper Ordorikak –nork bestela?– Romeo had Juliette bere egiten du rock and roll tamainan eta Arkaitz Minerren laguntzaz folk ukitua ere gehitzen dio. Delirium Tremens-eko Andonik sasoi onenean dagoela erakutsi digu bere ahots baziloiarekin , Walk on the wild side eresia Javi Pezek lagunduta dantzagarri bilakatuta. Txuma Murugarrenek Smalltown -en adiera literalki herri (gorrotagarri) kantu gisa interpretatu du Tapia, Leturia eta Minerrekin. Lozorroan dagoela irudi baina bizirik dagoen El Inquilino Comunistako Santi eta Alvarok A gift noise-poparen lurzoru malenkoniatsu eta zaratatsura eraman dute. Edozein erronka txiki gelditzen zaion Petti piztiak diskoan gorpuzkera handiena duen kantua sortu du, rockeroena, pisutsuena eta zikinena, The blue mask abiapuntu hartuta. Eta kontrapuntuan, Maddi Oihenartek goxatu egin du I´ll be your mirror . B aldea Gorka Urbizuk zabaltzen du The raven -eko Who am I? filosofikoa, Katamaloren antzeko erregistrotik hurbil, intentsitate handiko pop-rockera eramanez. Jarraian filosofiarekin apurtzen du Evaristok, Paco Locoren instrumentazioak lagunduta, Real good time together interpretatuz. Garirekin NYC man entzuten musika beltza eta jazza eguneroko menu duten garitoetan irudikatzen dugu gure burua. Anarik benetako Sad song -a oparitu digu, azkoitiarrak ohi duen baino tonu are eta ilun zein pisutsuarekin, Reed-en Alemaniako garaia gogoaraziz. Horri guztiari akabera ematen dio lan honetan zeresan handia izan duen Paco Locoren instrumentalak. NYeko biziraulearen omenez munduan egin(go) diren bildumetatik txukunenetarikoa dugu hau, gurean egindakoa. Bultzatzaile eta egileei, mila esker!
news
argia-540270cf3719
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2444/proletarioek-ez-baina-prekarioek-aldatuko-dute-mundua.html
Proletarioek ez baina prekarioek aldatuko dute mundua?
Pello Zubiria Kamino
2015-01-04 00:00:00
Proletarioek ez baina prekarioek aldatuko dute mundua? Guy Standing ekonomialari britainiarrak precariat (prekariotza) klase sozial berezi bezala deskribatzeaz gain, argudiatu du neoliberalismoak sortu duen ordena berrian prekarioek hartu dutela aldaketa aurrerazaleak bultzatzeko lantegia, ezkerreko literatura klasikoak proletarioei ematen zien protagonismoa. Kontra-mugimendua mamitzen ari da. Prekario jendea konprometitzen hasi da politikagintza demokratikoan. Distopia neoliberala eta gero, etorkizuna berriro sartu da agendan. Prekarioek izan behar dute aro aurrerazale berriaren aitzindariak". Iragarpen itxaropentsuokin amaitu du Guy Standingek " The Precariat: The New Dangerous Class " artikulua Working Class Studies aldizkari unibertsitarioan. Esperantza handiegiak egunero bizirauteko nahiko lan daukaten jende txirotuengan? Baliteke. Edozein modutan, klase arriskutsua (" dangerous class "), Karl Marxek lunpen-proletarioei deitu omen zien, langileak baino azpiagoko bizi baldintzatan bizi ziren baztertuei, arriskutsuak langileentzako burgesiari lan zikina egin ziezaioketelako. Standingek, aldiz, kapitalarentzako ikusten ditu arriskutsu oraingo prekarioak. Guy Standingek (1948) Precariat kontzeptua –Marxez gero hainbeste erabilitako " proletariat " ideari oihartzun egiten diona–  zabaldu zuen 2011n " The Precariat: The New Dangerous Class " liburuarekin. Aurten argitaratu du " A Precariat Charter "  euskaraz "Prekariotzaren eskubideen karta" emango lukeena (gaztelaniaz ere atera berria da). Bere teoria Working Class Studies aldizkari unibertsitarioan laburbildu du Standigek berak joan den urrian. Hasten da: "Munduan gero eta jende gehiago ohartzen da prekariotzan erori dela, edo aurki dela eroriko, baina ez dela bakarrik egonen. Nabari da animo aldaketa bat, garaituak eta etsituak sentitzetik aurre egin eta aldarrikatzera. Masa ekitaldietatik konpromiso politikorako jauzia dagite. Badakite langileria ez dagoela bat eginda eta ez dute nahi gezurrezko batasunik. Behar dugu etorkizun aurrerazale alternatibo bat, prekarioek gidatua". Azken hamarkadotan gainbehera etorri da XX. mendean herrialde aberatsetan antolatutako banaketa sistema. Enpresen etekinak handitu dira eta langileen diru sarrerak izoztu. Lehiakortasuna erdietsi nahian, gobernuek lan baldintzak malgutu dituzte, enpleguei segurtasuna kendu, milioika jenderi osasun eskubideak, erretiroak eta bestelako  lorpenak. "Ongizate estatua ihartu egin da". Klase egitura berria antolatu da. Piramidearen erpinean dago plutokrazia oso txiki bat, hein batean kriminalitateari ere lotua. Izugarrizko boterea dauka eta inolako estaturi kontuak eman beharrik ez. Plutokraziaren azpian dago elitea, ondare handien jabe diren kapitalistak. Beherago soldatapekoak ( salariat ), enplegu seguruaz gain erretiroa, oporrak eta bestelako onurak dauzkatenak. Duela 40 urte teoriko askok uste zuten arren klase hau izango zela denborarekin arruntena,  urteotan murrizten ari da. Hauen pareko daude Standingek proficians deituak, etekinzaleak, enpleguen segurtasuna baino etekin ekonomikoa nahi dutenak, abokatu, artista, kirolari, saltzaile. Hauetako asko lanak lehertzen ditu. Proletarioak versus prekarioak Piramindean hurrengo mailan dago lehengo proletariotza. Ongizate estatuarekin batera ari dira urritzen eta ahultzen. Standing oso gogorra da proletarioekiko eta hauen interesen inguruan antolatu diren sindikatu eta alderdiekiko, oso atzerakoi jokatu dutelako. Horien azpian dator prekariotza. "Baina ez da azpi-klase bat, lunpen-prekarioena den bezala, kalean galduta dabiltzanena. Prekariotza, aldiz, funtsezko klasea da kapitalismo globalizatuarentzako, neoliberalismoak gorpuztu du". Azken ikerketen arabera prekariotzan bizi da jende helduen %40 Japonian, Korean, Grezian, Espainiako estatuan, Italian, Australian, Suedian bertan... Txina da prekario gehien daukana. Klase honen lehen ezaugarria, produkzio harreman bereziak dituela. Kapitalismoan beti egon da lan ezegonkorra, baina orain arau bihurtu da. Kontratu malguak, aldikakoak, freelance modukoak, ordukakoak... Lanbide bati ez daude lotuta, ezta ordutegi bati ere, lanaldian bezala hortik kanpo ere zukutzen dituzte. Aldi berean, prekarioena da beren lanak behar duena baino hezkuntza handiagoa daukan historiako lehen klasea. Bigarrenik, prekarioek dirutan dauzkate sarrera bakarrak, ez erretretarik, oporraldirik edo gaisoaldiko pagarik, ez Estatuaren bestelako onurarik. Horregatik bizi dira ordain ezinezko zorren mugan: "Zorra bilakatu da zapalkuntza tresna sistematikoa, jendea saiatzen delako atzoko bizi mailari eusten". Hirugarrenik, Estatuarekiko harremanak ere ezberdinak ditu. Herritar ( citizen ) izatearen eskubideak galdurik, bilakatu dira biztanle ( denizens ), eskubide zibil, kulturazko, politiko edo bestelakorik gabe. Gero eta gehiago bihurtzen dira mesede eskatzaile ( supplicant ), laguntza eta onuren eskale, burokraten iritzi eta epaiaren mende. Hiru dimentsio horiek prekario jendeari eragiten diote larritasuna, etsipena, haserrea eta alienazioa: nahi ez dutena egin behar derrigor eta egiteko gai direna ezin egin. Prekarioen klasea oraindik forma hartzen ari da, Standigen aburuz. Hiru sail daude prekariotzan. Langile klasetik erortzen ari direnak; haien aurrekoen eskubideak nahi dituzte, lehengora itzultzea. Askok abegi onez entzuten diete populista eta neofazistei, beren segurtasunik ezaren erantzule etorkinak eta minoriak direlakoan. Bigarren sailean daude etorkin eta minoriak. Burua makurtzen ohituak, bizirauten nahiko lan, tarteka beren haserrea lehertzen dute liskar egun berezietan. Hirugarren sailean daude hezkuntza ona dutenak, bereziki gazteak. Estualdian bizi dira ukatzen zaielako etorkizuna, bizimodu duina eta beren asmoak asetzea. Baina ez doaz neofazisten gibeletik, itxaropena dute gizarte berdinago, askeago eta ekologiaz iraunkorrago bat antolatzeko. Azken sail hau da batik bat 2011ko kaleko mugimenduez geroztik – Ocuppy, Indignados ...– beren buruak klase bezala ezagutzen hasi eta mugimendua abiatu dutenena. Klase  arriskutsua, betiko alderdi eta egitura politiko nagusiak arbuiatzen dituztelako. Etekinen partekatzeaz mintzo dira, denboraren jabe izateaz, bizilekuen –tartean leku publikoen– kalitateaz, hezkuntza askatzaileaz, finantzak ezagutzeaz, kapitala eskuratzeko eskubideaz. Baikorregia Guy Standing? Manikeoegia? Prekarioek haizatutako mugimendutzat jotzen den Podemosetik Juan Carlos Monederok kritikatu dio prekarioak betiko langileetatik gehiegi bereizi eta hauek hauek errazegi mesprezatzea. Prekarioen klaseaz hasi baizik ez da egin eztabaida: munduko langile talderik handiena da.
news
argia-8495de444513
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2444/eskuin-muturra-ukrainan.html
Eskuin muturra Ukrainan
Asier Blas Mendoza
2015-01-04 00:00:00
Eskuin muturra Ukrainan Ukrainan estatu kolpea gertatu ostean, ukrainar ezkertiarrak eta "errusiar zaleak" botere berria nazismoarekin identifikatzen saiatu dira. Akusazio hori sostengatzeko froga asko dituzte eskura. Errealitate deseroso horren aurrean, Mendebaldeak ezikusiarena egin du, "ahaztuz" Europako Parlamentuak Svoboda eskuin muturreko alderdia kondenatu zuela 2012ko abenduan, garbi dauka Ukrainakoa ez dela gerra ideologiko bat, izan ere, maiz erakutsi duen bezala aurkariak diren ideologia desberdinak erabili ditzake bere interes inperialistak defendatu eta zabaltzeko. Horregatik, atentzioa deitzen du hainbat lehentasun geopolitiko  estaltzeko asmoarekin ezkertiarren artean sortutako ika-mika ideologikoak. Eztabaida continuumaren bi muturrak irudikatuko bagenitu, alde batean ditugu sobietar sinboloak erakarrita Donbasseko eskualdean borroka antiinperialista, antifaxista eta sozialista uztartuak ikusten dituztenak, eta bestean, mendebaldar-zentrismo inperialistatik eskuin muturreko errusiar nazionalismoaren atzaparra baino ikusi nahi ez dutenak. Azken horiek Ukrainako hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiek izan dituzten emaitza apalekin beraien argudioak indartu dituzte esanez Kieveko bandoan eskuin muturra ez dela hegemonikoa eta Donbasseko Herri Errepubliken alde eskuin muturreko sektore asko daudela borrokan. Bitxia da akusazio hori kontuan hartzen badugu horrelako gogoetak ez direla egiten Hamasi buruz Palestinan edo eskuin muturrekoen presentziari buruz askapen nazionaleko borroketan. Ezker-eskuin ardatzean ideologia berdina dutenek borrokatu dezakete elkarren aurka beraien herrialdeen artean talka badago. Errusiar eskuin muturra zatituta dago Ukrainako krisian, batzuek aberriaren defentsa lehenetsiz Donbassen alde agertu dira, beste batzuk aldiz, ideologia lehenetsiz Ukrainar estatuaren alde azaltzen dira. Ukrainar eskuin muturrak errazago du, koherentzia ideologikoak eta abertzaleak bat egiten dute Donbassen aurkako gerran, ez dago zatiketarik. Bestalde, hauteskunde emaitzen argudioa oso eztabaidagarria da Ukrainako alderdi arruntek eskuin muturrekoen programaren parte bat bere egin dutelako eta hautagai faxistak barneratu dituztelako zerrendetan. Gertutasun horren beste froga bat emaitzak dira. Hautesleek bi boto dituzte, bata sistema proportzionalerako eta bestea izen bakarreko barrutiko ordezkaria hautatzeko. Eskuin muturreko alderdiek zazpi barruti irabazi dituzte, beraz, boto-emaile batzuek alderdi "arruntei" eta eskuin muturrekoei bozkatu diete aldi berean. Horri erantsi diezaiokegu berriki Errusiak NBEn nazismoa, arrazismoa eta xenofobiaren apologiaren kontra aurkeztutako mozioa. Munduko herrialde gehienek babestu egin zuten proposamena, aurkako hiru boto bakarrik egon ziren: Ukraina, AEB eta Kanada. NATOko herrialdeak eta erakunde horrek kontrolatzen dituenak abstenitu egin ziren.   Ukrainako krisian ideologiak batez ere apaingarri funtzioa du borroka nazionalista eta inperialista batean (gobernu berriak hiru ministro atzerritar ditu). Alde batean, sobietar sinboloak ekialdeko eslaviarren anaitasun abertzalearen adiera soil bat dira gehiengoarentzat; beste aldean, nazismoarekin harremana duen sinbologiak nazionalismo ukrainar etnikoaren espresio hutsa da gehiengoarentzat. Horrek ez du esan nahi, bakoitzak transmititzen dituen baloreak oso desberdinak ez direnik. Halere, garrantzitsuena ez da eztabaida ideologikoa, garrantzitsuena demokraziaren aurkako atentatua (estatu kolpea eta barne eta kanpo autodeterminazioaren kontra Kievek hasi duen gerra) eta giza eskubideen urraketak dira.
news
argia-614e442c3fb7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2444/pattarra-eta-gudua-ez-dira-bateragarriak.html
Pattarra eta gudua ez dira bateragarriak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-01-04 00:00:00
Pattarra eta gudua ez dira bateragarriak Karansebes (Errumania), 1788ko irailaren 17a. Arratsaldean Austriar Inperioko osteak hirira iristen hasi ziren, turkiarrei aurre egiteko asmoz, Errusia eta Turkiaren arteko gerran austriarrak lehenengoen aliatuak baitziren. Armada herrialde askotako 100.000 kide inguruk osatzen zuten. Serbiarrak, kroaziarrak, errumaniarrak, poloniarrak, hungariarrak... Inork gutxik ulertzen zuen ofizial austriarren hizkuntza, alemana. Abangoardian husar talde bat bidali zuten lehenik, osteek kanpatuko zuten eremua ikuskatzera. Etsaien arrastorik ez eta pattarra saltzen zuen ijito familia bat besterik ez zuten aurkitu. Upel batzuk erostea erabaki zuten eta, infanteria errumaniarreko lehen soldaduak elkargunera iristerako, husarrak mozkor-mozkor eginda zeuden. Eta ez zuten asmorik geratzen zitzaien pattar apurra errumaniar egarriekin partekatzeko. Hitzez ezin ulertuta, mutur joka hasi ziren. Liskar betean, norbaitek airera tiro egin zuen. Une horretan ofizial austriarrak iritsi izana ez zen mesedegarri izan; "Halt! Halt!" (Geldi! Geldi!) oihuka hasi zirenean, soldaduei "Allah" esaten zutela iruditu zitzaien eta, turkiar musulmanak zirelakoan, nagusien kontra su egin zuten; haiek berdin erantzun zuten. Hura zen panorama zalditeria iritsi zenean. Eta itxura guztien arabera etsaiak zirenen aurka eraso egitea erabaki zuten. Zaldizkoen erasoa ikusi zutenean, etengabe iristen ari ziren infanteriako osteek ere berdin pentsatu zuten: zalditeriako kideak turkiarrak zirela. Eta, jakina, haien kontra su egin zuten. Hainbat orduz, austriar osteak talde txikietan sakabanatu ziren, ustezko etsaia alde guztietan, elkarri tiroka. Baina zenbat eta tiro gehiago, orduan eta indartsuago alegiazko turkiarrak. Eta azkenean ihes egitea beste erremediorik ez zuten izan. Handik bi egunera otomandar osteak, benetakoak, Karansebesko zelaietara iritsi ziren eta 9.000 gorpurekin egin zuten topo. Historialari askok zalantzan jartzen du Karansebesko gudua benetan hala gertatu zen. Batetik iturri askotan jasota dagoela eta iturriak koherenteak direla onartzen dute. Baina guduaren lehen aipamena handik 40 urtera egin zen austriar aldizkari batean, eta iturririk fidagarrienak, A. J. Gross-Hoffinger-ek, ia 60 urte geroago jaso zuen gertatutakoaren berri. Denbora tarte horiek, ezinbestean, distortsioa eragiten dute. Pattarrak ere bai.
news