id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-016d94c84673
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/protokoloa.html
Protokoloa
Karlos Gorrindo Etxeandia
2016-05-22 00:00:00
Protokoloa Gure lankide batek esan digu protokoloa abian jarri diola medikuak tentsio altuegia duelako. Guk ez dugu jakin barre edo negar egin berba ponposo hori entzun diogunean. Ze, egun, protokolo hitza erabili ezean adierazten duzunak ez baitu garrantzirik, antza. Koskabiloak eztarrian, edateari, jaki gazituak jateari eta kirola egiteari ekin dio itsu eta ero, protokoloak izu laborri. Eta gutxi gorabehera protokolo berbak zer esan nahi duen jakin arren, hiztegira jo dut berbaren esanahi zehatza ezagutzearren. Kortesiazko arau multzoa ei da, esparru pribatuan zein publikoan erabil daitekeena. Esaterako, mahaian aho-zapiak zelan tolestu behar diren jakiteko; ekitaldi ofizial batera zelan joan behar duzun jantzita jakiteko; barruak hustera inoren komunera sartu-irtenean uzkia garbitzeko erabili behar duzun teknika eta taktika ezagutzeko. Protokoloak agintzen du munduan, protokoloa ohitura ere badelako, ikasi gabeko portaera da batzuetan, kulturala, besteetan, eta horren arabera jakingo du munduak izaten eta egoten dakizun ala ez gizartean. "Protokolo hitz potolo", eremu ofizial edota diplomatikoan erabiltzen denean. Hitzarmen hitzak baino balio erantsi txikiagokoa du. Baina protokolotik hasten da, beste uztardura batzuetara iritsi ahal izateko. Eta horixe da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartu dutena: protokoloa. Lankidetzan hasteko prest dira biak, eremu eta alor desberdinetan (Funtzio Publikoa, Toki Administrazioa, Osasuna eta Kontsumoa…). Ezin ukatu albiste horrek sekulako ilusioa eragin digula arragoa den Nafarroarekin anaikide jardun ahal izateko aukera izango dugula jakiteak. Diktadura osteko hitzarmenetan hitzartu zuten Nafarroa kanpo uztea EAEtik, Arabako herrialdearen mesedetan. Borroka armatuaren aldarrikapenen artean garrantzitsuenetakoa Nafarroak EAErekin bat egitea zen, eta armek lortu ez zutena protokolo honek bideragarri egin du. Esanak esan, neur dezagun bere izaera osoan protokolo honen onarpenak izango duen sustraitzea. Geroak esango digu oraina trinkoa denentz. Ezin dugu ahantzi, gainera, horrelako protokolo motak Errioxa eta Aragoiko gobernuekin ere onartuta daudela. Hau da, auzotarrekin, familia artekotasunik ez dutenekin. Ezer apartekorik ez, beraz. Baina ilusioa egiten digu anaia haserretuarekin berba egin barik denbora luzeegian egon eta gero, elkar ikusi eta hitz egiten hasi garela eta, gero, nahi izanez gero, elkarri ulertzeko gai izango garela. Baina kasu, protokolo horrek ezin digu kriskitinka jarri, ez baitu adierazten EAEko gobernuan eta Nafarroakoan izaera juridiko politikoa aldatuko denik, ezta bi erakundeek administrazio bera partekatuko dutenik ere. Ezta hurrik ere! Auzotarren arteko bizikidetza normalizatua baino ez du adierazten protokolo horrek. Abertzaleok neba-arreben arteko harreman normalizatua izan dadila nahi izanagatik ere.
news
argia-b588737286bb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/hondakinen-kudeaketa.html
Zubietako errauskailuaren orbana gure osasunean
Urko Apaolaza Avila
2016-05-22 00:00:00
Zubietako errauskailuaren orbana gure osasunean Hondakinak erretzea munduan egin dezakegun gauzarik arriskutsuenetako bat da. Prozesu horretan milaka substantzia kimiko sortzen dira, horietako asko osasunerako oso toxikoak. Zubietako errauskailuak gipuzkoarrei ekarriko dizkien arazoez ohartarazteko, maiatzaren 29an osasunaren aldeko giza katea egingo dute Donostiako Gipuzkoa plazatik Onkologikora. Markel Olanoren foru gobernuak Zubietan errauskailu bat jartzeko asmoa berriz erakutsi duenetik, proiektuak gipuzkoarrei ekarriko dien kostuaz larrituta biderkatu egin dira kontrako mugimenduak. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak duela gutxi onartu du plana: 200.000 tona hondakinentzako errauskailua, tratamendu mekaniko-biologikoko eta zepak balioztatzeko zentro bana, eta biometanizatze planta bat izango lituzke; hondakinen kudeaketa esku pribatuetan utzi eta lurraldeari datozen hogei urteetan gutxienez 1.216 milioi euroko zama eragingo dio. Kostu ekonomiko itzelaren inguruko datuak argitzeko gero eta premia gehiago dagoenean, erraustegiak gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da. Maiatzaren 7an GuraSOS aurkeztu zuten, errausketak umeengan sor ditzakeen gaitzez arduratutako guraso, amona, aitona eta izeba-osaben elkartea: "Nire haurrentzat nahi ez dudana, beste inoren haurrentzat nahi ez dudalako", azaldu dute euren manifestuan. Bestetik, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak maiatzaren 29an osasunaren aldeko giza katea antolatu du Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren jauregitik Onkologikora. 5.000 lagunekin lotu nahi dituzte batetik bestera dauden bost kilometroak. Duela gutxi Euskal Herrian izan da Rossano Ercolini, Goldman Price nazioarteko ingurumen sariaren irabazle eta Italiako errausketaren kontrako liderretako bat, eta berak garbi du: "Arriskurik txikiena hartzea ere ez da onargarria". Datorren asteko ARGIAn elkarrizketa zabala eskainiko dugu Ercolinirekin. Ekonomia zirkularrarekin batera, osasuna babesteko beharrak ekarri du Europan errausketa alboratzeko joera gero eta nabarmenagoa. Irlandako Cork hiritik gertu errauskailua eraiki nahi duten Ringaskiddy da borroka-zelai nagusietakoa oraintxe, eta bertan Gordon Reid Corkeko Unibertsitateko irakasleak Europa mailan 2011n egindako azterketa baten emaitzen berri eman du: Italia, Eslovakia eta Ingalaterrako errauskailuetan hartutako laginen arabera, 2,2 milioi lagun ingururen bizi itxaropena 7.600 urte jaitsi liteke errausketaren ondorioz. Ikerketa babestu dutenen artean Munduko Osasun Erakundea bera dago. Gurean, antzeko azterketei buruzko informazioa eskaintzen dihardu aspaldion Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). Minbiziak, malformazioak eta eritasun kronikoak 2002an azaldu zen publikoan lehen aldiz OEIT, Txingudin egin nahi zuten errauskailuak ekar zitzakeen ondorioak aztertzeko asmoz. Proiektua bertan behera geratu zen arren, isilpean lanean jarraitu dute, eta dozena urte geroago konklusioa bera da: erraustea minbiziarekin eta hilkortasunaren handitzearekin lotzen da. Hamarkada honetan kalitate metodologiko kontrastatuarekin egindako 17 ikerketaren emaitzak aztertu dituzte. Medikuek batez ere nabarmendu dute Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuko epidemiologia zentroak 2012an argitaratutakoa: estatistikoki minbiziagatik hiltzeko arrisku handiagoa dute erraustegitik 5 kilometro edo gertuago bizi diren herritarrek. Pleurako minbizia kasuak %84 handitzen dira, besikulakoak %24 eta leuzemiak %21, besteak beste. Baina badaude lotura hori berresten duten ikerketa gehiago. Errauskailuen 3 kilometroko erradioan minbiziaren gorakada %3 eta %50 artekoa izan litekeela dio 1983 eta 2008 artean egindako batek, eta beste baten arabera tximinietako filtroetatik iragazten diren mikropartikulenganako esposizioak, pankreako minbizia areagotzen duela –%40 emakumeen eta %92 gizonen artean–. Eskoria eta errautsetan pilatzen diren dioxina, furano edota metal astunez asko dakigun bezala, erraustegi batek tximiniatik botatzen dituen atmosferako gasen eta mikropartikulen –erretzen den hondakin masaren %60– inguruko ezezagutza handia da oraindik; medikuek ikusi dute arnas aparatuko eta bihotzeko gaixotasunetan eragina dutela. Zubietako erraustegiaren sustatzaileek europar araudiak ipinitako mugaren azpitik isuriko duela diote. OEITeko bozeramaileetako bat den Jose Cruz Ruiz Villandiegok alferrikakotzat du hori ordea: "Mugak jarrita ere, gorputzak oso diferenteak dira jasotzen dituen dosiak onartzeko edo gaixotzeko, esaterako heldua izan edo haurra izan". Emakumeak bereziki zigortzen ditu errausketak, euren gorputzak gantz gehiago duelako sortzez, eta dioxinak bertan disolbatzen direlako Hain justu, haurrak eta fetuak dira errausketarekiko kalteberenak: alterazio endokrinoak, eta hormonalak, eragina garapen neurologikoan… 2014ko ikerketa batek sortzetiko malformazioetan jarri du azpimarra: erbi-ezpainarekin jaioko diren haurren kopurua %30 handituko da eta giltzurrun displasia izango dutenena %55. GuraSOS elkarteak Google Maps-en kokatu ditu Eusko Jaurlaritzak errauskailuari aitortzen dion 30 kilometroko "eragin eremuaren" barruan dauden 200 hezkuntza zentro baino gehiago: "Mediku eta zientzialariek diote arriskua badagoela eta Gipuzkoako Diputazioari eskatzen diogu prebentzioz geldiarazi dezala Zubietako proiektua", azaldu du elkarteko kide Xabier Arrutik Info7 irratian. Horretarako sinadura bilketari ekin diote eta maiatzaren 21ean informazio jardunaldiak egingo dituzte Hernaniko Orona-Ideon. Bertan izango da Clara Perales, Madrilgo Valdemingómez errauskailuaren kontra salaketa jarri duen biktimetako bat. Perales arnas eta alergia arazoekin hasi zen eta immunologia sistema kaltetu ondoren minbizia sortu zitzaion. Italian 2013an eta 2015ean argitaraturiko ikerketa banak erakutsi dute haurdun dauden emakumeen erditze goiztiarrarekin eta nahigabeko abortuarekin lotura duela errauskailuen kutsadurak. Emakumeak bereziki zigortzen ditu errausketak, euren gorputzak gantz gehiago duelako sortzez, eta dioxinak bertan disolbatzen direlako. Gainera, amak haurrari bularreko esnearen bidez pasatzen dizkio gantzetan metaturik dituen gai toxikoak. Hori ei da kutsadura neurtzeko adierazlerik lazgarriena, Eduard Rodriguez Farré fisiologian adituarentzat. Rodriguez Farrék esperientzia handia du biomedikuntzaren arloan –bere iritziak Salvados moduko programetan azaldu izan dira– eta abenduan Andoainen izan zen errauskailuen toxikotasunaz mintzatzeko. Bere esanetan, ikerketa epideomiologikoak egiteak urte askoko lana eta zorroztasuna eskatzen ditu. "Bonba kimiko bat" etxe ondoan Fisiologo katalanak esandakoa jakinik, bat baino gehiago harri eta zur geratu zen martxoaren 7an Noticias de Gipuzkoa egunkariaren azal nagusiarekin: " Un estudio de Osakidetza concluye que la incineración no supone un 'riesgo significativo' para la salud ". Aipatu txostena 2004koa da, ez da inongo aldizkari zientifikotan publikatu eta OEITeko medikuek arrakala ugari ikusi dizkiote. Iñigo Suberbiolak Donostian errausketaz GUE/NGL Europar Parlamentuko taldeak egindako konferentzian azaldu zuen txostenak "tranpa dialektikoa" egiten duela baldintzazko esaldiekin: "errauskailuak berriak balira", "legea errespetatuko balute"… Gipuzkoako Aldundiak Biodonostiaren esku jarriko omen du Zubietako azpiegituraren inguruko osasun zainketa. Inplizituki onartu izanak errauskailuarekin osasun arriskuak egon daitezkeela, hautsak harrotu ditu. Errausketaren kontrako taldeek herritarrak frogak egiteko "akuri" moduan erabiltzea egotzi diete foru agintariei. "Azpiegiturak teknologia eta segurtasun kontrol aurreratuenak izango ditu", esan berri du Markel Olano diputatu nagusiak, Anberesen lehertutako errauskailu bati buruz interneteko Osoigo zerbitzuan galdera egin diotenean. Istripuaren bideoa lau haizetara zabaldu da ARGIAk haren berri eman ondoren, eta gurean halako hondamendi bat gertatzeko kezka sorrarazi du. Azken urteetan hamarnaka ezbehar gertatu dira. 2013an, adibidez, sute handi batek Marseillako Fos-su-mer errauskailua hartu zuen. Gertaera horietan izaten den kutsadura-ihesa ez da nolanahikoa. 1976an Italiako Seveso herrian planta kimiko batean izandako eztandaren ondorioz milaka tona TCDD aireratu ziren –egon daitekeen dioxinarik kutsakorrena–, eta gerora egindako estudioetan ikusi da minbizi kasuak ugaritu egin direla eskualde osoan. "Errauskailuak benetako bonba kimikoak dira" esan izan du Villandiegok, ez Anberesen edo Marseillan gertatuagatik soilik, egunerokoan eta eremu oso zabalean ekar dezakeen etengabeko kalteagatik ere bai. Ringaskiddyn orain gutxi aurkeztu dute errauskailuak sortuko duen kutsaduraren simulazioa –horrelako ingeniaritza lanak egiten dituen Plume Plotter taldearen eskutik–, eta Corkeko badia osoa estaltzen du laino toxikoak. Nolako orbana sortuko luke Zubietako tximiniak Gipuzkoako mapan? Ipar-mendebalaren edo bailaretako korronteen kapritxopean utziko al dugu gure seme-alaben osasuna?
news
argia-d05fffb4f3f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/zinema.html
Zer demontre egiten du argazki zuzendari batek?
Gaizka Izagirre
2016-05-22 00:00:00
Zer demontre egiten du argazki zuzendari batek? "Film horren argazkia bikaina da". "Argazki zuzendaritzaren arloa ikaragarria iruditu zait". Pastazko betaurrekoak jantzita ditugula, askotan esan edo entzun ditugu esaldi horiek, ezta? Baina, esaten ari zareten une berean, zenbatetan pentsatu duzue "ez dakit zer arraio den film batek argazki on bat izatea, baina tira…". Jakin, argazki zuzendari baten lana ezinbestekoa dela film bat aurrera eramateko. Eta ez, bere lana ez da film konkretu horri buruzko promozio argazki tipiko horiek egitea. Nestor Almendros, Vittorio Storaro, Christopher Doyle, Roger Deakings, Gordon Willis, Gregg Doland… Zazpigarren arteak eman dituen argazki zuzendari onenetarikoak izan arren, ziur oso gutxitan (agian inoiz ez) entzun dituzuen izenak direla. Baina, zer izango lirateke adibidez Terrence Malick eta Alejandro González Iñarritu, Emmanuel Lubezki gabe? Zer Steven Spielberg, Janusz Kaminski gabe? Bai, zuzendari askoren eskutik, gehienetan argazki zuzendari berdinak joaten baitira: Sven Nykvist-Ingmar Bergman, John Alcott-Stanley Kubrick, Robert Richardson-Quentin Tarantino, Robert Yeoman-Wes Anderson… Pentsaezina zuzendari erraldoi hauen filmak ulertzea, argazkiari esker lorturiko estetika eta berezko atmosfera hori gabe. Dena den, ez dago hain urrutira joan beharrik, argazki zuzendari bikainei buruz aritzeko. Euskal Herrian bertan, Javier Agirre ( Amama, Loreak, Urte berri on amona, 80 egunean, Lucio, Aupa Etxebeste... ), Gaizka Bourgeaud ( Un otoño sin Berlin, Bertsolari, Kutsidazu bidea Ixabel… ), Juantxo Sardon ( Gazta zati bat, Barrura begiratzeko leihoak… ) eta jakina, nazioartean ezagunak diren Flavio Martínez Labiano, Javier Agirresarobe, Juan Ruiz Anchía eta Kiko de la Rica bezalako izenak topa ditzakegu. Hitz poetiko samarrak erabiliz, beraien eginkizun orokorra argiaren bitartez zuzendariaren ametsak marraztea dela esango genuke. Obra osoaren estetika konkretua lortu eta irudi kalitatea mantentzea. Baina baita beraien lan-talde osoa koordinatzea ere, kamera, fokuaren arduraduna, laguntzaileak eta elektrikoak esterako, bakoitzak bere eginkizun zorrotza izaten duela kontuan izanda. Aurre-ekoizpen prozesuan egindako lan guztiari esker, argazki zuzendariak aldez aurretik lortu nahi den estetika zehatz-mehatz ezagutzen duenez, grabaketa hasten den unean lente eta objektiboak, formatua, euskarria, kameraren altura, mugimenduak, posizio konkretuak eta beste hainbat gauza bateratzen ditu, taldeko kide bakoitzari funtzio zehatza emanez. Azken urteetan, dena den, kamera digitalen etorrerarekin, lehen zituzten beste hainbat eginkizun ordezkatzen joan dira. Grabatzerako orduan, adibidez, zeluloidearen tratamenduaz eta errebelatuaz kezkatu beharrean, zuzenean disko gogor batean grabatzen da. Tira, mundu perfektu batean hala gertatuko litzateke, baina askotan errealitatea oso desberdina da. Diru faltak edo baliabide eskasek "gerrilla errodaje" deiturikoak bultzatzen du askotan. Kamera esku artean duen berberak egiten eta zuzentzen ditu edizio lanak, "arazorik gabe" gainera. Horrez gain, filma zein prozesutan dagoen, argazki-zuzendarien eginkizuna aldatzen joaten da. Aurre-ekoizpenean sartzen da, errodajean jarraitu eta post-produkzio fasean amaitu. Lokalizazio teknikoetan egoten da, gidoiaren analisi eta egituraketa bisualean, aipaturiko grabaketa prozesuan hartu beharreko erabaki guztietan, baita filma muntaketa prozesuan dagoenean, argi/koloreari azken ukituak emanez, itxura "biribila" emateko. " Timing " prozesuan, errodajean gerta daitezkeen akats txikiak zuzentzen ditu, ahalik eta jarraitasun fotografiko handiena lortzeko helburuarekin. Baina garrantzitsuena, helburu nagusia, irudi horiek guztiak ikuslearengan emozio eta sentsazioak piztea da. Filtro, objektibo eta iluminazio desberdinak erabiliaz efektu emozional eta dramatikoa bilatzea, alegia. Eta batez ere, gidoiak eta istorioak eskatzen duen horrekin eskutik joatea. Batzuek esango dute, ekoizpen baten lan-taldearen barruan tekniko soil batzuk direla. Besteek ordea, artistak, irudiaren magoak. Nik uste dut bietatik dutela apur bat. Argi dago zazpigarren artearen makineriaren barruan ezinbesteko engranajea direla. Ezin ahaztu, bide desberdinak jarraitu dituzten arren, argazkigintza eta zinema ama beraren anaia-arrebak direla, sustrai berberetik jaiotakoak.
news
argia-01b7a37fb34f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/leitzako-amazabal-institutua.html
Elikadura burujabetza ikasgelan
Garazi Zabaleta
2016-05-22 00:00:00
Elikadura burujabetza ikasgelan Baserritar, ekoizle eta kontsumo talde askoren lanari esker, duela gutxi arte bazterrean zeuden zenbait gai (kontsumoa, elikadura, nekazaritza…) ari dira pixkanaka jendartearen erdigunera mugitzen. Eta, kalean garrantzitsu den horri ez al litzaioke garrantzia eman behar eskoletan, heziguneetan? Bada, hari horri tiraka hasi ziren Leitzako (Nafarroa) Udaleko Berdintasun Saila eta kontsumo taldea. "Landa eremuan bizi gara, eta badago kontzientzia bat, familia askok baitute baserria edo baratzea. Institutuan lantzeko gai interesgarria zela pentsatu genuen", kontatu digu Josune Antxo berdintasun teknikariak. Iraganera begiratu, etorkizuna josi Leitzako Amazabal institutuko DBHko maila guztietan landu dute gaia, hiru saiotan. Lehenengoan, elikadura burujabetzaren inguruko Amalurraren ahotsak dokumentala ikusi zuten. Ondoren, ikasleei galdetegi bat banatu zieten aitona-amonekin betetzeko: Zein elikadura ohitura zituzten gazteak zirenean? Zer jaten zuten eta zein garaitan? Nolakoa zen nekazaritza eta zein paper zuten emakumeek? Galdetegia bete eta gero, bigarren saioan bateratu zituzten ikasleek ateratako ondorioak, hausnarketak eta ideiak. Azkenik, Leitzeko Kontsumo Taldeko kide eta baserritarra den Gotzone Sestorainen hitzaldia izan zuten ikasleek. Nekazaritza ereduak azken hamarkadetan jasandako aldaketa bortitzaz eta horrek dakartzan kalteez aritu zen. "Nekazaritza industriala duela gutxi hartutako bidea izan da, oso berria, eta aldiz, nekazaritza iraunkorra betidanik, duela gutxi arte gure herrietan aitona-amonek praktikatzen zutena da".   Gaia ikuspegi feministatik Nekazaritzan emakumeak izan duen garrantzia nabarmentzea eta bere lanari balioa ematea izan da dinamikaren helburuetako bat. "Nekazaritza iraunkorra emakumeari oso lotuta egon da beti: baserrian paper garrantzitsua izan du hazien zaintzan, baratzean… Nekazaritza industrialak, aldiz, balore oso maskulinoak ekarri ditu", dio Sestorainek. Ustiapen handiak, monolaborantza, sekulako inbertsioak, teknologia berrituena... Horiek dira nekazaritza eredu horren ezaugarrietako batzuk. Ikasleek orokorrean oso erantzun ona eman dutela eta hurrengo ikasturtean lantzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du Antxok: "Sakonean lantzeko jarraitasuna behar du".
news
argia-638692aece3c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/jule-goikoetxea-eta-xabier-barandiaran.html
IN-DE-PEN-DENTZIA, ba al da baldintzarik Euskal Herrian?
Xabier Letona
2016-05-22 00:00:00
IN-DE-PEN-DENTZIA, ba al da baldintzarik Euskal Herrian? Zertan ote da independentzia prozesua Euskal Herrian? Gaia aztertu duten bi ikuspegi batu gura izan ditugu elkarrizketa honetan. Irakurleak ikusiko duen legez, desberdinak dira, baina bada parekotasunik ere haien esanetan. Egun ez dute baldintza egokirik ikusten Euskal Herrian independentzia prozesu bat irekitzeko, baina aurrera begira baikor ageri da Goikoetxea, eta ezkor Barandiaran. Xabier, zuk aipatu izan duzu une honetan ez duzula independentziarako baldintzarik ikusten. Zergatik? XABIER BARANDIARAN. Ni independentziaren aldekoa naiz, beste edozein estatuk duen maila berean formulatuta. Unean uneko herritarrek duten borondatearen arabera ere bada independentzia. Une honetan ez da baldintzarik ematen independentziarako. Zergatik? Nagusiki hiru arrazoirengatik. Bat, gure herrian ez politikarien artean ez herritarren artean ez dago halako prozesu bati eusteko nahiko kontzientziarik. Badago kontzientzia estetiko bat, agerpenerako, gure politika neurri handi batean parametro estetikoetara eramanda dagoelako. Bi, ez dago nahiko integrazio mailarik sistema instituzionala eta gizarte zibilean sortzen diren beste mugimenduen artean. Eta hiru, gaurko gizarte konplexuetan independentziarako sare ekonomiko indartsu bat antolatua ez badago, praktikan ezinezkoa da prozesu konstituziogilerik aurrera eramatea. JULE GOIKOETXEA. Demokrazia posible den ala ez galdetzea bezala da. Egiten dugun heinean izango da posible edo ez. Nik ere ez dut baldintza ez objektiborik ez subjektiborik ikusten. Hemen egiten dugun estatugintzak, kalekoak zein instituzioetakoak, herrigintzaren kutsu gehiegi du eta hori diskurtsoan ikusten da. Gure politikariek ez dute estatu diskurtsorik; adibidez, ez dute federalismoa aipatzen, Kanadan edo Eskozian jendartean aipatzen diren gisan. Eslogan gisa hitz egiten da independentziaz hemen, baina ez zer estatu eredu nahiko genukeen. Jule Goikoetxea: "Euskal Herrian kaleko borroka edo herrigintza deitu dena erakundeetatik egiten zen lanari kontrajarri zaio. Horri buelta ematen ez badiogu ezinezkoa izango da prozesu independentista batean sartzea" Katalunian herrigintza eta estatugintza ez dira kontrajarri, eta guk ere garbi eduki behar dugu herri demokratikoa herri erakundetua duen estatua dela. Euskal Herrian kaleko borroka edo herrigintza deitu dena erakundeetatik egiten zen lanari kontrajarri zaio. Horri buelta ematen ez badiogu ezinezkoa izango da prozesu independentista batean sartzea. Ez dira baldintzak ematen, baina hauek sortu egin behar dira. Olatu batean gainean gaude, Europan badira baldintzak eta hamarkada bat edo bitan ikusten dut independentziarako aukerarik. X. BARANDIARAN. Halako prozesu bat abian jartzeko estrategia bat behar da eta estrategia jartzeko giza kapital bat, euskal herrigintzak aspaldiko urteetan galdu egin duena. Trantsizioan abertzaletasunaren belaunaldi bat jarri zen sistema instituzionala eraikitzen autogobernutik, eta beste batek Estatuari gatazka planteatu zion borroka armatuaren bitartez. ETAren amaierarekin belaunaldi bat agortu zen, baina horren tankerako beste amaiera batzuk ere ematen ari dira euskal gizartean: bukatu da ikastolak sortu zituen belaunaldia, bukatu da Trantsizioa egin zuena, ETA sortu zuena… Alde horretatik krisi handi batean gaude, krisi horretan eman da politikaren pribatizazio ikaragarria eta gure gizartearen indibidualizazioa. Horrek eragin asko izan du, baina besteak beste ekarri du gure herriaren lidergo politikoen deskapitalizazio inportante bat. Non daude gure herriko liderrak? Esparru pribatuan eta batez ere ekonomian. Horregatik, politikak eta erakunde sistemak gure herria trakzionatzeko duten ahalmena galtzen ari da. Instituzioek gero eta antz handiagoa dute herritarrei eskaintzen dien zerbitzu agentzia handi batekin; eta hori garrantzitsua da, gizarte zerbitzuetan oso aurreratuak gaude eta, baina beste kontua da erakundeek herrigintza transformatzeko gaitasuna izatea. Abertzaletasunak, alde batean zein bestean, hausnarketa autokritikoa egin behar du mugak non diren aztertzeko. Politikan egunerokoak jan egiten gaitu, horrek politikagintza eraman du hurrengo eguneko titularraren araberako herrigintza egitera. Hori arazoa da epe ertaineko estrategia baterako. Xabier Barandiaran: "Gure herrian, ez politikarien artean ez herritarren artean, ez dago halako prozesu bati eusteko nahiko kontzientziarik" J.  GOIKOETXEA. Hori dago lotua sistema politikoak bizi duen krisi sakonarekin. Ez dago herritarren eta klase politikoen arteko harreman dinamikorik eta, ondorioz, erakundeetatik ezinezkoa da herrigintza transformatzea eta herrigintzak ikusten ditu erakundeak eta politikariak beste mundu batean. Beste herrialde batzuetan ere gertatzen ari da hori. Horrek adierazten du demokrazia parlamentarioak duen krisia. Hemen borroka moldeak eta estatugintza moldeak agortuta ditugu, baina hori positibotzat jotzen dut, ordua zen eta. Erronka da ea nola egituratzen den belaunaldi berria, oso prestatua datorrena eta beste lehentasun batzuekin. Bi tradizio abertzaleez hitz egin duzue. Maltzaga izan da hauetako konfluentzia puntua, Lizarra-Garaziko prozesua hor dago, besteak beste. Gaur egun, aldiz, krisian dagoela dirudi. J. GOIKOETXEA . Hemen arazoa da abertzale guztiak ez direla independentistak. Abertzaleak %60 gara gutxi gora-behera eta independentistak %35. Beraz, abertzaleekin bakarrik zenbakiek ez dute ematen, baina estrategikoki ere badira arazoak. Gaur egun ez da lotu behar naziotasuna independentziarekin, ongizatearekin eta demokraziarekin baizik. Katalunian horrek oso fruitu onak eman ditu eta hemen batzuk hasi dira diskurtso hori zabaltzen. X. BARANDIARAN. Une honetan bi arazo daude abertzaletasunean. Bata, abertzaletasunaren definizioa da, gezurra badirudi ere akademikoki konpondu gabekoa. Estrategikoki sezesioa edo demokratizazioaren teoriak baliagarriak dira abertzaleen indar metaketa egiteko, baina bideratu gabe dago nazio izaerak egitura politikoekin behar duen harremana. Niri egitura politikoak interesatzen zaizkit, baina nahiko nukeen nazioa defenditzen duten neurrian. Egia da, hala ere, nazio identitatea pluralizatu egin dela eta gaur egun ongizateko osagaiak eta demokraziari dagozkionak biltzen dituela, baina ez dago ondo definituta zer tamainatan nazio eraikuntzak eskatzen duen egituraketa politiko jakin bat edo beste bat. Jule Goikoetxea: "Legebiltzarreko batzordeetan-eta ikusten dut EAJ eta EH Bildu gauza askotan ados direla, horietatik tiraka gaurdanik has daitezke independentziarako baldintza subjektiboak eta objektiboak sortzen" Eztabaida hau eman gabe dagoenez, debate estrategikoak ere zailtasunak ditu. Gaur ez dago herri estrategia bat, alderdi bakoitzak bere biziraupena ziurtatzeko estrategia du. Nola da posible, adibidez, ez jartzea ados gure herriak beharko lukeen nazioartekotze estrategiari buruz? Nola da posible ezin adostea gure herria garatzeko bi edo hiru zentro ekonomiko indartsu beharko genituzkeela? Nola ezin da adostu gure herriak komunikazio esparru bakar eta bateratua behar duela? Xabier Arzalluzen figura historikoa aldarrikatu nahi dut. Bere ikaslea izan nintzen eta hark herri estrategia bat zuen buruan. Beste batek esan dezake Txomin Iturbek zuela hori. J. GOIKOETXEA. Ez dago adostasunik alderdiek ez dituztelako euren estrategiak, beraz, ez dago ezer mahaiaren gainean jartzeko. Ez EAJn, ez EH Bildun ez dut ikusten herri ikuspegirik aurrera begira. X. BARANDIARAN. Ez nago ados. Ni EAJkoa naiz eta izan naiz halakoez EAJk egin dituen azterketetan. Ez da hainbeste estrategiarik ez dutela, baizik egiten direnak errealitatearekin konexio gutxi dutela. Herri estrategia efektiboa behar dugu eta horretarako bi baldintza behintzat sortu behar dira: bata legitimitatea, eta beste boterea. Indar transformatzailea behar da. Alde horretatik ETA okertu egin zen, pentsatzen zuen posible zela Estatuari aurre egitea nolabaiteko botere antisistemikoa sortuz, eta hori hondamendia izan da. Sinesten dut, ordea, abertzaletasun soziologikoan badela halako prozesua legitimatuko lukeen sektore zabal eta zentrala. Beraz, asmatuko bagenu martxan jartzen zerbait prozesuala, horrek botererako baldintzak sortuko lituzke eta legitimaziorako baldintzak handitu. J. GOIKOETXEA. Adibide bat. Duela gutxi EAJk gure instituzioen funtzionamenduaz egin zuen txosten bat. Esango nuke EH Bildu ados dagoela hor jartzen duen %99arekin. Hor funtzionamendu federalaz hitz egiten da. Zergatik ez dira adosten hor direnak, baina foralismoa erabili beharrean federalismoa erabilita, nazioartean denek ongi uler dezaten? Legebiltzarreko batzordeetan-eta ikusten dut gauza askotan badirela adostasunak, horietatik tiraka gaurdanik hasi daitezke baldintza subjektiboak eta objektiboak sortzen. Asmatu edo ez, ezker abertzaleak asko hitz egiten du independentziaz; EAJn aspaldi ez da independentziaz hitz egiten Xabier. X. BARANDIARAN. Ez da hala. EAJn asko hitz egiten da independentziaz eta barneratutako prozesua da; hala ez balitz Euskal Herrian independentzia ez litzateke posible. Baina ezker abertzaleak egingo ez balu ere ez. Bien indarra behar da bai ala bai. Hitz egiten denean pase foralaz, aldebikotasunaz edo erabaki eskubideaz antzeko gauzez ari gara, hau da, herri honen borondatea errespetatzeaz. Gure posizio politikoak hor daude, baina estrategian arazo handiak topatzen ditugu, eta hainbatetan ateratzen diren kontzeptuak une bakoitzera egokitzeko terminoak dira. Xabier Barandiaran: "Sinesten dut, ordea, abertzaletasun soziologikoan badela prozesu independentista legitimatuko lukeen sektore zabal eta zentrala" Gure Esku Dago arrakastaz sortu zen, gehiago kostata ibili da gero. Zein leku ikusten diozue independentziaren eztabaida honetan? J. GOIKOETXEA. Oso garrantzitsua da. Erabaki eskubidearen aldeko subjektua ez da handitu bere etorrerarekin, baina bi kontu interesgarri ekarri ditu: batetik, herri mugimendu gisa sortu da, nahiz eta alderdiak saiatzen diren eragiten; bestetik, herrietan jeltzaleak eta ezker abertzalekoak elkarlanean jartzeko balio izan du. Baina erabakitzeko eskubidea ez da nahiko jendea kalera ateratzeko, horretarako jendea haserre egon behar da eta. Katalunian urteroko mobilizazio hori lortu dute independentzia aldarrikatzen dutelako, erabakitzeko eskubidearekin ez zuten lortuko haserre hori mantentzea. Orain arte erabakitzeko eskubidea plazaratu dute eta orain, egingo diren herrietako kontsultekin, pentsatzen dut independentziak hartuko duela protagonismoa. X.  BARANDIARAN. Oso ongi dago halako mugimendu bat eta partehartzeko ahalegin guztia egiten dut, baina arazo bat ikusten dut. Benetako kontzientzia sortzeko behar dira pertsonak modu kolektiboan gune transformatzaileak lantzen eta une honetan ez daude. Gure herrian jende askok abertzaletasunaren kontzientzia momentu ludiko bat bezala bizi du. Herri batek bere erritoak behar ditu, sinbologiaren gestioa eta bere identitate kolektiboa eraiki behar du, baina horrez gain behar dira beste hiru gauza gutxienez: hezkuntza sistema, ekonomia sistema eta komunikazio sistema, iritzi publikoan zure errealitatearen gestioa egiteko. Gaur egun, adibidez, gure iritzi publikoa espainola da. Gure autonomietan badira hezkuntza, ekonomia eta komunikazio arloak. Baliagarriak dira independentziarako? Zer egin behar da baliagarriak izan daitezen? X. BARANDIARAN. Gutxiesteko modukoa ez den ekarpena egin dute, baina gaur egun berkapitalizazio bat behar dute. Behar dute bisio estrategiko bat, behar dute giza kapitalaren akumulazio bat eta behar dute oinarrizko kontsentsu politiko bat gai horien inguruan. EiTBn ez  badago EAJren eta ezker abertzalearen arteko kontsentsurik EiTBk ez du etorkizun politikorik. Une honetan gure enpresak gero eta menpekoagoak dira kanpoko sistemekiko, horrek esan nahi du gure ahuldade ekonomikoa handia dela, eta ekonomikoki ahula den herriak ez du aurrera egiten. Beraz, hor estrategia bat behar da eta hori landu egin behar da. Non? Ezagutza aurreratuetako sistemetan, eta hori unibertsitatea da. Xabier Barandiaran: "Gaur ez dago herri estrategia bat, alderdi bakoitzak bere biziraupena ziurtatzeko estrategia du" J. GOIKOETXEA. Hor kapital humanoa badatorrela uste dut. Akademia oso zatitua egon da hemen eta hori arazo ikaragarria da ezagutzaren produkziorako. Hori bideratzea lortzen dugunean, partidua askoz azkarragoa izango da. Alderdietan oraindik eman ez diren leuntzeak ematen ari dira akademian. Independentzia Estatuarekiko adostasunez lor daiteke, erreferendumez, edo konfrontazioz eta aldebakarreko aldarrikapenez. Zein giro ikusten duzue hemen eta Espainiako Estatuan? J. GOIKOETXEA. Independentzia prozesu guztietan estatuak ez du inoiz baimena ematen abian dagoen arte. Aldebakartasunez independentziaren aldeko zure gehiengoa lortu behar duzu eta ondoren negoziatu, orduan bakarrik esan dezakezu "negoziatzen ez badugu gu bagoaz". Prozesua hasi arte ez duzu ezer negoziatzen estatu matrizarekin, honek ez duelako sekula onartuko lurraldearen zati bat joatea. Espainia ez da demokratikoa eta demokratikoa izanda ere lehen fasea beti da konfrontaziokoa, bestela ez duzulako zer negoziatu. X. BARANDIARAN. Nahasketa handia dago aldebakartasuna eta aldebikotasunaren estrategien artean. Independentziaz hitz egitean, kontua da ea independentziara iristen garen ekintza konstituziogile bakar baten bidez edo prozesu baten ondorioz. Ados nago Julerekin, une batean, subjektu batek bere indarra erakusten du eta horren ondorioz onarpen bat lortzen du, negoziazioz bideratzen dena. Beraz, posible da estatu independente gisa une bakar batean eratzea? Indar handia baduzu bai, baina guk ez dugu. Berdin da aldebakartasuna edo aldebikotasuna, zuk etxean indarra eraiki behar duzu eta horrekin negoziatu. Hori da gure herrian azken urteetan galdu egin dena, horretarako prest dagoen jendea, indarra. Beraz, neurtu behar duzu norabait joan aurretik duzun indarra, bestela etsipena sortzen duzu eta bilduak dituzun indarrak sakabanatu eta ahultzen dira. Katalunian ba al dute aipatzen duzuen indar hori? Nola eragiten digu guri hango prozesuak? X. BARANDIARAN. Ez dute independentzia prozesua egiteko nahiko indar. Baina badute gizarte nahiko integratu eta orekatua, Estatuarekiko distantzia markatu eta barneratu duena Kataluniak proiektu politiko bat behar duela. Hori lortu dute eta oso inportantea da, baina ez dut uste nahiko indar dutenik planteatu duten estrategia jasangarri egiteko. Gero, hango alderdi politikoen egoera ere ez da ona, azken garaiotan gaitasun gutxi erakutsi dute gizarte zibilak eskatzen dizkien adostasunetara iristeko, horrek prozesua ikaragarri ahuldu du eta nire ustez dagoeneko beste fase batean daude. Kataluniak asko eragiten du. Hura ongi joan izan balitz, hemen oxigeno apur bat sartuko zukeen; gaizki ateratzen bada, hemengoa ere ahuldu egiten du. Edozein kasutan, herria aktibatzea, indartzea eta hori denboran jasangarri egitea, hori beti da ona herri batentzat. Hala ere, Artur Mas prozesutik ateratzea akats historikoa da. J. GOIKOETXEA. Ni baikor nago, ez dakit noiz, baina Katalunia joango da. Asko dugu ikasteko handik, batez ere Trantsizio Jule Goikoetxea: "Desberdintasunak ikusteko begiratu liteke EAEra eta Nafarroara: EAEn euskal estatugintza egin da eta Nafarroan espainiar estatugintza" Nazionaleko Batzordeak egindako lanetik. Jakintza handia bildu dute hor eta hori guztia ongi etorriko zaigu guri ere. Hortik aurrera egoerak desberdinak dira. Gu komunitaristagoak gara eta Katalunian liberalagoak. Haien gizarte zibila kohesionatuago dago, ez dira euren alderdiekiko horren leialak eta bozka aldatu egiten dute. Han botoa batetik bestera dabil, eta hori prozesu independentista batentzat ezinbestekoa da, Eskozian gertatu den bezala. Hemen, gutxi gora-behera 40 urte daramatzagu berdin bozkatzen, batzuk EAJra eta besteak ezker abertzalera. ERCk eta CDCk egin duten bezala, hemen ere EAJ eta ezker abertzalea bilduko balira independentziaren alde, itzela litzateke, jendeak bozkatu egingo luke eta han baino irmoagoa litzateke, hemen oso leialak garelako. ERC eta CDC, eta gainera CUP. Hemen, barruan dauzkan korronteak pozik edukitzeko, EH Bildu bitan zaitu beharko litzateke, batzuek ERC moduko bat sortu eta besteek CUP moduko bat. Baina ezin da, gure historia, gure soziologia eta gure dentsitateak ez du uzten, oraingoz. Gobernuek, diputazioek, udalek, erakundeek oro har, zer egin dezakete eguneroko beren jardunean estrategia independentista indartzeko? X. BARANDIARAN. Asko egin dezakete eta gainera egingo duten konfiantza dut. Herri politikak inspiratzen dituzten printzipio eta edukiak klabeak dira herri politika horiek gauzatzerakoan. Adibidez, bada politika industrial bat abertzalea izan daitekeena eta bestea ez. Hezkuntza ere klabea da, aipatu dugu. Komunikabideetan herri estrategiari zor zaion agenda sartu behar da. Politika bi eratan egiten da, modu diskurtsiboan eta egunerokoan, erakundeekin, aurrekontuekin eta bere eragin esparruekin; eremu hauetan garrantzi handia ematen diot adostasun politiko batzuk eskuratzeari epe luzeko estrategian. Adibidez, egon daitezke bi ikuspegi desberdin Gipuzkoako errauskailuari buruz, baina epe luzera industria politikan adostasun batzuk behar dituzu. J. GOIKOETXEA. Demokrazia batean eskola, familia, sindikatuak… horiek ere erakundeak dira, eta horietatik guztietatik egiten da demokrazia. Desberdintasunak ikusteko begira liteke EAEra eta Nafarroara: EAEn euskal estatugintza egin da eta Nafarroan espainiar estatugintza. Euskal demokrazia batean, euskal herritarrek eskatzen duten demokrazia hori mamitzea litzateke logikoena, baina horretarako ahalmen politikoa behar da, eta gure ahalmen politikoa orain prekarizatu eta mugatu egin da. Gero eta botere politiko gutxiago dugu, besteak beste orain neoliberalismoaren ofentsibagatik.
news
argia-904a67ba1c76
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/koldo-murua-abeltzaina.html
"Behiak ematen duen dirua, behiarentzat da"
Miel Anjel Elustondo
2016-05-22 00:00:00
"Behiak ematen duen dirua, behiarentzat da" Abeltzaina da eta Lizaranda elkarteko burua Zigoitian (Araba). Gorbeialdeko mendi mazela zoragarri zaizkigunetan ditu behiak udaberritik udazkenera, eta bertara bidean mintzatu zaigu, gordin, segidarik gabeko lanbideaz. Usteko nuen abeltzaina abeltzain dela etxetik, baina ez da zure kasua. Ez da nire kasua, ez. Abeltzaina naiz, baina ez betikoa. Aita Agurain ondoko herri txiki batekoa zen, San Roman de San Millangoa. Garai hartan maiorazkoa geratzen zen etxean, premua, eta gainerakoek etxetik alde egin behar izaten zuten. Horixe egin zuen gure aitak. Amarekin ezkonduta, Zumarragara jo zuten gurasoek, Orbegozo fundiziora lanean aita. Horrela, Urretxun jaio nintzen ni. Hantxe izan ginen nik hamasei urte bete arte. Orduan, fabrikaren zati bat Agurainera ekarri zuen Orbegozok, eta bertara etorri ginen. Hamazazpi urte nituela Aguraingo Orbegozon –edo Atusa-n, nahi baduzu–, ari nintzen lanean, doitzaile. Urteak igarota, Ondategira ezkondu eta, astiro-astiro, saltsa honetan sartu nintzen. Saltsa duzu abeltzaintza. Izango ez dut, bada! Saltsa galanta! Joan den aspaldian hemen etxe guztietan izan dituzte hiruzpalau abelburu pinto, esnetarakoak –gero, mestizoak ere sartu izan dituzte–, eta nik amaginarrebari erosi nizkion lau buru. Haiek bazkatzeko lurrak ere erosi nituen, eta abian nintzen, txahalak gizentzen, haragitarako. Horrela hasi nintzen, harik eta 2001ean buru-belarri sartu nintzen arte lanean, bolumen handi xamarrean. Zer esan nahi duzu? Nik bi aro izan ditut lanbidean. Lehenengoan, 40 buru izatera heldu nintzen. Bigarrenean, lagun batekin batu nintzen: buru gehiago erosi genituen, ukuiluak handitu… baina lagunak bakarrik utzi ninduen, honek ez baitu dirurik ematen, abeltzaintza bizitzeko modua delako, eta ez diru iturri. Behitik datorren dirua behiarentzat da, ez dago besterik. Hau ez da errentagarri. Lagunak utzi egin zuen, baina nik aurrera segitu nuen, eta aurrera segitzen dut. Zenbat buru dituzu orain? 117 abere. 56ren bat behi; gainerakoak txekorrak ditut, gizentzekoak, edo egunotan jaiotzen ari diren txahalak dira. Urtean zehar halako gailur bi izaten ditut: batean, oraintxe, udaberrian, dozena bat txahal jaio ohi zait; bestean, udazken-neguan, orduantxe erditzen dira behi gehienak. Nik ez dut behia besterik, kolore bakarrera jokatzen dut. Sasoi batean zela-zaldiak ere izan nituen, baina hura jolas hutsa zen. Lizaranda elkartea osatzea ez da jolasa izan. Abeltzaintza eta mendi publikoa defenditzeko sortu genuen inguruko abeltzainok Lizaranda. Zortziren bat gara elkartekoak Zigoitian. Alabaina, bertako San Pedron du abeltzaintzak indarrik handiena: bi esnetegi dituzte, eta diruz eta aberez –behi eta ardi–, hantxe dira nagusi. Elkartea sortu genuen Zigoitiko Udalaren eta Arabako Diputazioaren aurrean nola-halako nortasuna izateko. Bakarka ezin da, elkartzea beste erarik ez dago. Dena dela, esango dizut: ez dugu gauza handirik behar Administrazioaren aldetik. Lizaranda elkarteko buru, berba egin izan duzunean kexu izan zara lege-araudiez. Oso murriztaileak direlako. Gorbeialde honetan bertan dena da neurri murriztailea: sasitza kentzeko, mugak; simaurtzeko, mugak… Mugak, gauza guztietarako. Mendialde hau, berriz, oso da gogorra, larre motxa da, gutxi irauten du, eta Administrazioak neurri murriztaileak baino ez ditu jartzen, eta horrela guk ezin dugu onik atera. Mendia garbitu beharra dago, sasia kendu… horretan ez dago gorabehera handirik. Baina mendian goragoko larreetara igo nahi izanez gero, larre guriagoetara, ez dute uzten. Mendia babestu beharra dagoela diote. Mendia babestu beharra? Zaindu egin behar da mendia, zaindu, eta aldiz, guztiz utzia dago, narras. Administrazioak natural-natural nahi du mendia, baina gauza bat da natural egotea, eta bestea, berriz, mendialde hau narras, zikin eta sasitzaz betea egotea. Animaliek eta landareek, denek bizi behar dute, baina guk ere bai, ez oteak bakarrik! Hainbeste lege-babes, hainbeste murrizketa, ez da moda besterik. Kontserbazionismo hutsa da, erradikala, ezin da ezer ukitu, baina parke natural izendatuak dituzten guztietan egon da mugimendua, giza jarduera. Parkeok gizakiak lagunduta heldu dira parke izatera, ez da zerutik jausitako gauza. Lege, arau eta babes, oraintxe asmatzen ari dira denak. Ematen du abeltzain edo nekazari izatea salbaia izatea dela. "Animaliek eta landareek, denek bizi behar dute, baina guk ere bai, ez oteak bakarrik!" Bistan da salbaia ez zaretena. Nekazari eta abeltzainok ingurune jakin batean bizi gara, orden jakin baten barruan, ez dago besterik. Niretzat oso gauza sinplea da, guztiz arrazionala, ez dago zoratu beharrik. Sen on apur bat, ez da besterik behar, bizitzan bertan bezala: sen ona. Ez dugu mendirik eraitsi nahi, ez arbolarik bota, ez zerua lurrarekin berdindu, mendia egoera onean mantendu nahi dugu. Basurdeak egiten duen txikizioa ikusiko bazenu, esaterako. Gero eta gehiago dago basurdea, gero eta gehiago laguntzen dio eguraldi epelak, negu goxoak erraztu egiten die bizimodua, ez dute predatzaile naturalik ezagutzen, eta gero eta oker handiagoak egiten dituzte mendian. Izorramendi galanta! Uste duzu Administrazioa neurriz gain ari dela… Bai, zalantzarik gabe. Teknikariek ez dute errealitatea bizi, besterik bizi dute, baina ez errealitatea. Hitz egin ere ez dute gurekin egiten. Zertarako? Udalak egiten duen indarraren eta Diputazioaren harreraren arabera dago auzia. Oraintxe, esaterako, inoiz izan dugun udalik harkorrena daukagu Zigoitian. Ez dakigu zenbat iraungo duen egoera honek, baina aspaldian egin diguten kasurik handiena egin digute udaletxean. Lizarandan baduzue lanik. Gurea ez da zaila: sasia kentzea, simaur lanak artez betetzea, perimetro-itxiturak zaintzea abereak eskapatu edo besteren lursailetan sar ez daitezen, istripurik eta kalterik eragin ez dezaten... Arestian esan duzu abeltzaintza bizitzeko modu bat duzula, lanbidea ez dela errentagarri. Aldiz, leku guztietan da haragia. Eta nongoa da haragi hori? Nongoa? Hemen haragi gutxi ekoizten da, eta saltzeko zailtasunak ditugu. Sekula entendituko ez dudan gauza da: bertan haragi gutxi produzitu, saldu ezin guk, eta bazter guztiak –harategi txiki nahiz saltoki handi–, denak okelez beteak! Esplikatuko didazu zuk? Ederrari galdetu diozu! Nik ez dakit Eusko Labela dagoela besterik. Eusko Labela Jaurlaritzaren asmazioa da. Marka sortu zuten, marketin hutsa. Horrek ez du baliorik produzitzen. Saltoki handi jakin batek asmatu du izena. Izena asmatzen jakin du, baina ez du jakin, edo ez du batere asmatu, harategiak eta abeltzainak zaintzen. Pentsatu ere ez! Jaten duzun haragia munduan handik eta hemendik dator, hemen ez da hainbeste haragi! Haragia ez da negozio. Nola izango da, bada, negozio. Haragitarako laguntzak zaharrak dira, laguntza historikoak: batak diru asko jasoko du, besteak gutxi. Ez da produkziorako laguntza. Laguntzarik gabe, ezinezkoa da haragia produzitzea. Eta laguntzak izanda ere, nahiko lan! Kontua ez da, bakarrik, abereari jaten eman behar zaiola, gainerako guztia baizik: instalazioak, makineria, seguruak, hau da, gastu finkoak. Besterik da elikadura. Txahalak ez dira belarrez hazten, kontzentratuz baizik, zerealaz, eta zerealak dirua balio du. Kilo bat haragi egiteak dirua balio du. Zertan da esnea? Esnea aspaldi izorratu zuten. Eta haragiak bide horixe darama. Esnearen ustiapena pikutara bota zuten. Kostuek ez dute ematen. Zigoitia inguru hau –Elosu eta gainerako–, oso inguru egokia da esne-behietarako, baina ez dago erraz. Kaiku eta gisako konpainia handiekin akordioa aspaldi egina dutenak aurrera ari dira –nolabait aurrera–, baina gainerakoak oso estu eta larri ari dira. Merezi du neke eta pena hauetan bizitzea? Esan dizut, nirea behiekin egiten dudan bizimodua da. Baina bizimodua, gero! Neure gisa eta bakarrik lan egiten dut. Uztailaren hasieran hamar egun hartzen ditut opor, belar lanak amaitu eta lasto egiten hasi baino lehen. Gainerakoan, hemen behar duzu, behiak gora, behiak behera. Egun batzuetan, orduak libre dituzu, beste batzuetan, 24 eta gehiago beharko zenituzke. Beti hemen, ezin behia utzi eta alde egin. Abere biziek urte osoko lana ematen dute. Egia da lan egiteko moduak badirela, eta ni behien oso esklabo bizi naizela. Esan nahi dut, gehiegi zaintzen ditudala: San Prudentziotan mendira ekartzen ditut; irailaren erdialderako, berriz, etxean ditut, Ondategiko ukuiluetan. Zergatik? Irailarekin batera larrea eskasten hasten da mendian, eta behiak gorago igo beharrean, etxera ekartzen ditut, txahal egiten hasten zaizkit eta. Etxean ez dut larre handirik, lur gutxitxo dut aukeran, baina txahal jaio berria bertatik bertara zaindu behar da. Gero, berriz, txahalak amaren errapetik esnea ondo hartzen duen, ez duen, ikusi behar da. Tamainan jaten eman behar diot txahal txikiari… Gauza asko. Hemen inguruan neu izango naiz behia mendian denbora gutxien edukitzen duena; hain zuzen, laster hasten zaidalako txahal egiten: irailean hasita, urrian eta azaroan, hortxe egiten dizkidate txahal gehienak. Oso erditze onak dira, garai horretan ez du-eta hotz handirik egiten eta txahalak ondo eusten dio. Administrazioak nekazaritza-abeltzaintza aintzatestea nahiko zenukete. "Sektore estrategikotzat hartzea", orain esaten denez. Horretan naiz ni. Beste zenbait herrialdetan ez da gertatzen hemen gertatzen ari dena. Hemen ere bada alderik, hala ere. Ez da gauza bera abeltzaina Araban, edo abeltzaina Gipuzkoan eta Bizkaian. Bizkaiak sektore txikia du, baina kutxa handia. Araban, sektore handiagoa da, baina kutxa txikiagoa. Diputazioen laguntzaz ari zara. Bai, Diputazioaren diru-laguntzak, Europa bidez datozenak. Baina Gipuzkoan 5.000 euroko laguntza bada, Araban 2.500ekoa da. Non da aldea? Gipuzkoak berak gehiago jartzen duela laguntzetan. Araban ez, hemen, urte batetik bestera, gero eta gehiago estutzen zaituzte diru-laguntzetara heltzeko modurik izan ez dezazun. Arabako Diputazioak ez dio abeltzainari behar beste laguntzen. Bizkaian, makineria erosi nahi duenari %40ko laguntza ematen diote. Araban, %10. BEZaren erdia ordaintzeko ere ez duzu. Laguntzak nekez du inor konformatzen. Begira, oraintxe egin digute diru-laguntzetako plana Jaurlaritzan. Guztizko intentzioan egin dute, baina aurrekonturik gabe. Diputazioen diru-laguntza txikiak, abereak gizentzeko laguntzak… hau, hori eta hura, eta aurrekonturik ez. Gu horretaz hitz egiten batzarrean, eta garai berean prentsaurrekoa ematen ari ziren Jaurlaritzako agintariak, ados ginelakoan, eta artean abeltzainok erabakitzeke genuen auzia. Arraroa, benetan! Herdoilik ez duzu mingainean: saltoki handiak, Diputazioa, Jaurlaritza, Eusko Labela… Oker egon ninteke, ez naiz jainkoa… Beste ohar bat: behi eroen garaian harakinek atera zizkieten abeltzainei babak eltzetik. 150 harategi dira Eusko Labelean, Araban ez dira asko. Oraindik orain, saltsa izan da hor ere, Administrazioaren araudi berri bat tarteko: labelduntzat eman nahi zituzten edozein lekutan jaiotako txahalak, berdin Caceres, Kantabria nahiz Burgosen (Espainia), edo berdin Frantzian. Baldintza bat izango zen, ordea: erkidego honetan labelaren barruan dagoen abeltzainak gizentzea kanpoan jaiotako txahal horiek. Baldintza hori betez gero, labelduntzat emango zuten kanpoko txahala. Eztabaidak izan dira, eta kanpoko txahalaren sarrera murriztu dute. Eusko Label harategiak abiaraziko dituztela irakurri dut. Bai, Basque Country izena jarriko diete horiei ere orain. Kar, kar… Horixe, bada! Barrez ari gara, baina hauxe panorama! Ez dakit, bada, zer pentsatu. Pentsatu? Ezer ez pentsatu! Goazen behiak ikustera mendian gora, Gongara. Alaiagoa izango da eguna. Eta gogoan hartu: behiak ematen duen dirua, behiarentzat da. Ez dago irabazirik. Emazteak etxetik kanpora lan egingo ez balu, pentsatu ere ez nik abeltzain aurrera egitea. Edo beste modu batera beharko luke. Ez dago etorkizunik. Seme-alabekin, adibidez, hitz egin ere ez dugu egiten behiekin segitzeari buruz. Hitzik ere ez gai hauetaz.
news
argia-910599142097
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/liburua.html
Gonak gorroto zituen neska
Xabier Etxaniz Erle
2016-05-22 00:00:00
Gonak gorroto zituen neska "Eta zer?" bildumako lan guztiak egoera baten inguruko liburuak dira; eta, normalean, izenburuan bertan argi geratzen da zeri buruzko lana izango den. Oraingo honetan ere, irakurleak berehala ikus dezake mutilen jokabidea edo gustuak dituen neska baten istorioa dela. Edo zuzenago esateko jokabide femeninoa, gizarteak emakumeei egokitu ohi zaizkien jokabideak, gustuko ez dituen neska baten istorioa. Beno, kontua da Ioneri mutilen gauzak gustatzen zaizkiola, mutil itxura duela eta mutila ematen duela. Ipuinaren hasierak, ordea, bullying aren inguruko kontakizuna ematen du: "Gaur marimutila deitu didate jolas-orduan. Beno, Aitor izan da horrela deitu didana. Besteek ez, besteek entzun egin dute, eta batzuek barre egin dute eta beste batzuk isilik geratu dira, nik zer erantzungo". Eta abiapuntu horretatik, mari-mutil esate horren ondorioz sorturiko haserretik datorkigu kontakizun hau. Ionek aitonarekin hitz egingo du, berarekin duen konplizitatea funtsezkoa da istorioaren nondik norakoa ulertzeko, are gehiago izeba Naiararen ezkontza dela eta, etxekoekin dituen eztabaidak bideratzeko. "Aitonarekin hitz egitea gustatzen zait, horrelako galderak egiten dituelako. Nik pentsatzea nahi duela esaten du, nik neuk nire pentsamenduak sortu eta erabakiak hartzea, pertsona helduek bezala. Eta erantzuten saiatu naiz". Horra hor Ione eta aitonaren arteko harremanaren oinarria; aitonak gauzen zergatia bilatzen du, eta hori ulertuta beti izango da errazago arazoen irtenbidea aurkitzea. Gainera, Ioneri mari-mutila deitu diotela jakitean aitonak amonaren hainbat kontu azalduko dizkio, nola aritzen zen bertsotan, emakumea izanda nola zen hori bitxia eta arraroa gizonezkoen mundu batean eta hari ere mari-mutila deitzen ziotela horregatik: "Harro egon behar duzu zuk ere, nahi duzuna egiten duzulako, neska ala mutila zaren axolarik izan gabe." Ioneren inguruko ipuin honek bi espazio ditu, lehena, ikusi dugun bezala, eskola; bertan azaltzen da arazoa eta horren ondorioz planteatzen zaigu Ioneri ez zaizkiola gonak gustatzen, mutilen moduan janzten dela, mutila ematen duela… eta bigarren espazioa etxea dugu. Istorioa modu naturalean, ia kontura gabe, batetik bestera igarotzen da. Eta hasiera batean bullying edo eskola kontua ematen duena, azkenean familia barrukoa bilakatzen da. Izan ere, aurreiritziak eta inertziak sendoak dira eta gogorra da haiekin amaitzea, haiei aurre egitea. Ana Jakaren ipuin hau "Eta zer?" bildumakoen estilokoa dugu; Patxi Gallegoren irudi osagarri eta aberasgarriak, komikien estiloak eta istorioaren ildoa jarraitzeko egokiak dira. Kontakizun landuak gogoeta bultzatzen du baina panfleto izatera iritsi gabe. Amaieran hasierara itzultzen gaitu kontakizunak; baina amaierako egoera eta hasierakoa guztiz ezberdinak dira.
news
argia-f2f667812c2d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/latinoamerikako-demokratizazio-prozesua-arriskuan.html
Latinoamerikako demokratizazio prozesua arriskuan
Asier Blas Mendoza
2016-05-22 00:00:00
Latinoamerikako demokratizazio prozesua arriskuan Negua iristen ari da Hego Amerikako ezkerrera. Venezuelako hauteskunde porrota eta Mauricio Macriren garaipena Argentinan icebergaren punta baino ez dira. Evo Moralesen laugarren berrautaketa ahalbidetu zezakeen aldaketa konstituzionala ez zen aurrera atera erreferendumean, eta orain, badirudi Rafael Correak ez duela bere burua aurkeztuko 2017ko hauteskunde presidentzialetarako Ekuadorren. Brasilen ere ez da giro, Dilma Rousseffen aurkako erasoa oso garrantzitsua da kontinente osoarentzat. Eskuma zikin jokatzen ari da kargugabetze mekanismoa erabat bortxatuz. Oraingoz, Kongresuko presidenteak suspenditu du botazioa, nahiz eta seguruenik foiletoiak aurrera jarraituko duen atal berriekin. Latinoamerikako herrialdeetan ezkerra boterera iristeak demokratizazio prozesuan aurrerapauso sendoak ematea suposatu zuen. Ordura arte jendartearen parte handi bat era sistematikoan zegoen esparru publikotik kanpo, ezkerreko gobernuek beraien partaidetza demokratiko normalizatua bideratzeko baldintzak jarri zituzten arte. Etxebizitza prekarioen erregulazioak erroldatua izateko aukera eman zuen, errenta birbanaketa politikek pobreziatik atera zituzten milioika pertsona eta oinarrizko hezkuntza proiektuek erraztu egin zuten sozializazio politikoa. Eredu ekonomikoa ez da arazo bakarra izan. Kasu gehienetan esparru publikoaren segurtasun falta eta biolentzia ez dira konpondu eta ustelkeriaren egoera hobetzeko ahaleginek ez dute arrakastarik izan. Bi elementu horiek aprobetxatu dituzte ezkerreko gobernuen aurka egiteko eskuineko hedabideek, sistema komunikatiboan hegemonikoak, adibidez Brasilen orain Birbanaketa politikak egiteko herrialde bakoitzak bere bide propioa garatu du, baina, oro har, helburua ez da hainbeste izan sistema ekonomikoa aldatzea, baizik eta pobreenen hozkailuak betetzea hazkunde ekonomiko estraktibista eta kontsumistaren bitartez. Herritarren poltsikoetara diru gehiago iristeak ez du esan nahi produkzio harremanak eta egitura ekonomikoak aldatzen direnik. Dudarik gabe, lehengaien kontrola hartzeak onurak ekarri ditu birbanaketa politikak egiteko, baina horiekiko dependentzia handiegia da. Ez da asmatu egitura ekonomikoa aldatzen. Adibide gisa aipa genitzake sektore publikoen tamaina txiki samarrak, eta batez ere, eraginkortasun gutxiko politika fiskalak. Bestalde, jendartean eredu kontsumista indartu da. Birbanaketa politikek kontsumoan oinarrituriko klase ertain berri bat sortu dute neoliberalismoaren ideologiari lotua. Hemendik sortzen da ezkerreko gobernuen kontrako beste oposizio garrantzitsu bat. Eredu ekonomikoa ez da arazo bakarra izan. Kasu gehienetan esparru publikoaren segurtasun falta eta biolentzia ez dira konpondu eta ustelkeriaren egoera hobetzeko ahaleginek ez dute arrakastarik izan. Bi elementu horiek aprobetxatu dituzte ezkerreko gobernuen aurka egiteko eskuineko hedabideek, sistema komunikatiboan hegemonikoak, adibidez Brasilen orain.  Azkenik, ikuspegi geopolitikotik azken urteetako integrazio ekonomiko latinoamerikarrak ameskeria dirudi orain. Lehengaien prezioek behera egin bezain laster moteldu eta ia geratu da. Galdutako aukera bezala defini daiteke prozesua. Egia da, herrialde guztiek ez dutela indar berdina jarri prozesuan, baina oro har, giltza beste behin Brasil izan da. Herrialde handienak potentzia erregionalaren papera jokatzen du, eta askotan, bere interes nazionalak lehenetsi ditu integrazio erregionalaren kaltetan. Ez da arduradun bakarra izan, noski. Kontua da ezkerreko populistek diskurtso nazionalistak egin dituztela, eta horrek, modu batera edo bestera, bultzatu nahi zuten sakoneko beste helburu integratzailearekin batera tentsioak sortu dituela. Egitasmo horrek agenda politikora bueltatu beharko du berandu baino lehen, baldin eta Latinoamerikak kolonia izateari utzi nahi badio eta benetako independentzia eskuratu nahi badu.
news
argia-5aead9a4cc60
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/kulturadunak.html
Kulturadunak
Jakoba Errekondo
2016-05-22 00:00:00
Kulturadunak Kulturadunak lantzen du lurra. Lurra landu ez bagenu, ez genuke orain dugun kulturarik izango. Beste maila bateko hizkuntza izango genuke, eta idatzitakoaren arrastorik ere ez. Izan ere, kultura lurraren kultura da, latineko cultüra-tik omen dator. Horri tiraka colere -raino iritsi omen dira etimologiazaleak. Kulturak, beraz, lurra lantzea, alor bat lantzea adierazten du. Hortik gero, hartuko duen esanahi mordoa: ikastea, zaintzea, garatzea, lantzea, aritzea, jardutea... Lurrekoak ere ez diren alor ugaritan: zientzia, artea, hizkuntza, jakintzak, asmamena, adiskidetasuna... Latineko colere hark, nonbait, "bizi" hitzaren adiera ere badu. Hortik omen dator koloniar edo kolono hitzaren esanahia: lur berri bat lantzen duena. Geu ere gure lur honetan kokatu ziren lehen kolono haietatik gatoz. Aurrekoek naturak ematen zuena bildu eta baliatzen zuten. Pixkanaka lurra landu eta toki jakin bati lotuta bizitzera ohitu behar izan zuten. Eta lantzeko gero eta alor gehiagoren premia; berezko tokiko natura naturalari lurra kendu behar, irabazi egin behar... Duela milaka urteko lan haiek egiteko nola jokatzen ote ziren? Pentsatzen da hasteko basoari su emango ziotela eta gero lurra lantzeari ekin. Euskal Herrian jardun haren arrastorik baden ez dakit. Kanarietan gertatua argitzen ari dira, eta hango berri badugu. Uharte haiek duela 2.300 urte inguru populatzen hasi zirela uste da, eta horrek arrastoen sailkapena eta ikerketa errazten du. Garaitsu hartan hasten da, agidanean, basoaren atzerakada eta nekazaritzaren hedapena. Arkeologoek topatzen dituzten arrastoek gero eta argiago adierazten omen dute. Gero etorri zen, han bezala hemen, landare berriak sortzea. Naturalak diren aldaeretatik abiatuta zaintza tekniken bidezko sorkuntza. Landare berri horiek ez dira naturalak, ez daude naturan, geuk sortuak dira. Adibidez, Euskal Herrian ditugun ehunka eta ehunka sagarrak. Landutako horiei, nola ez, "kultibar" deitzen zaie, eta naturalei aldaera edo barietate. Kulturaren, lantzearen kultibarrak.
news
argia-14dc6155f573
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/mefsst-jaialdia.html
Punka ez hiltzeko, feminismoa txerto
Danele Sarriugarte Mochales
2016-05-22 00:00:00
Punka ez hiltzeko, feminismoa txerto Maiatzaren 7an egin zuten MEFSST (Musika Errebolta Feminista) jaialdia Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, laugarren aldiz. Antolatzaile-taldeko Miren Aranguren eta Gurutze Ostolazarekin bildu ginen jaialdiaren ataritan, eta ondorio argi bat atera: XXI. mendean, punkak feminista behar du izan, punka izango bada. Aurrez ere aipatzen omen zuten, tartean-tartean, kontzerturen batean edo bestean topo egiten zutenean, baina hiru sugarrek piztu zuten zerbait egiteko ahalegin espontaneoa, Miren Arangurenen arabera: lehenik, garaitsuan estreinatu zela Zuloak dokumentala, emakumeez eta musikaz ari, eta ez zirela lan horretan islatzen zenarekin identifikatu; bigarren, Putzuzulo gaztetxean bertan, bertsio-gau batean, emakume pila batek parte hartu zuela; hirugarren, Pottors ta Klito sortu zela –musika-talde horretako gitarra-jolea da Gurutze Ostolaza–, ingurukoak ere ahaldunduz.   Borroka eta gozamena, tokian toki Besteak beste, plazer hutsa delako ere antolatzen dute MEFSST. Arangurenen hitzetan, lehenengo jaialdian, gustuko zerbait egitea zuten helburu. Ostolaza: "Klabea da hori. MEFSSTek lana dakar, baina sekulako plazera ere bai. Kontzertuak antolatu izan ditugunean ere, garrantzia eman diegu gure nahiei. Askotan, antolatzen zabiltzanean, ez duzu kontzertua ikusten, eta igual izugarri gustatzen zaizu talde hori. Sekulako lana egin, eta gozamenik ez. Gure kasuan, adibidez, norbaitek talde bat ikusi nahi badu, bada, besteok egiten ditugu txandak, edo behar den moduan moldatzen gara".   Lehenengo MEFSST jaialdiak izugarrizko arrakasta izan zuen. Ia 100 lagun bildu ziren mahai-ingurua aditzera. Ostolaza: "Putzuzuloko aulki guztiak erabili genituen, eta ez dira gutxi!". Horren ondoren, gauza asko ekarri zituzten argitara. Arangurenen esanetan: "Taularatzeaz hasi ginen hizketan, oholtza gainekoaz, baina gero konturatu ginen horren bueltan gauza pila bat zeudela landu beharrekoak. Hori dela eta hurrengo edizioetan, adibidez, soinu-teknikari ikastaroak antolatu genituen, eta aurten DJ tailerra. Horrez gainera, konturatu ginen ezin genuela emakumeez bakarrik hitz egin, beste gorputz eta ahots batzuei buruz baizik". Tokian aritzea izan dute beti jomuga. Ostolaza: "Gure eskura eta gure ezagutzara iristen diren lekuetan eragin nahi izan dugu, eta beste norbait animatzen bada gu prest gaude, jendeak nahi izatera, laguntza eskaintzeko, baina ez daukagu inongo asmorik ez predikuka ibiltzeko, ezta nekatzeko ere". Gainera, Bilgune Feministako kideak ziren antolatzaileetako asko, eta ez zuten, antolakunde horretan bezala, ikuspegi nazionaletik aritu nahi. Aranguren: "Punk-hardcorea da guk Putzuzulon gertuen bizi dugun musika-eremua, eta eremu hori oso politizatuta dago, baina juxtu feminismoa ez da oso modu kontzientean hartu, anti-espezismoa eta autogestioa hartu diren bezala. Erronka da, rockean ere, orokorrean. Euskal Herrian rockak sekulako eragina dauka eta, zentzu horretan, iruditzen zait gogoeta zabaldu beharko litzatekeela, baina ez dut uste soluzioa denik zerbait nazionala sortzea, baizik eta hausnarketa hauek zabaltzen joatea, tokian toki".   Norberak nahi duena, norberak borrokatu behar Afizio-mailako musika taldeez ari garela eta, argi dio Ostolazak: "Emakumeoi ziria sartu digute, eta utzi egin diegu ziria sartzen, gainera. Etxean geunden, etxetik atera egin behar zen, garaipen bat izan zen, eta emakumeek beren dirua edukitzea sekulako pausoa izan da, baina etxekoak egiten jarraitu dugu, kalekoak egiten jarraitu dugu... Ez daukagu aisialdirik". Eta lehentasunik ere ez diogu ematen. Aranguren: "Onena izan behar duzu, gainera. Ez dugu espero gizon batek izugarri berezi kantatu behar duenik, hura entzun eta disfrutatzeko. Emakumeon kasuan, aldiz, kantatzen duzu Aiora Renteriak bezala, edo...". Biek ala biek uste dute ukabil-kolpea eman behar dugula mahai gainean. Aranguren: "Pribilegioen inguruan beti esaten dugun moduan: ez dizute ezer emango, zuk zeuk hartu behar duzu". Espazio erosoetan aiseago arnasten da Eta MEFSSTeko kideek hartu dute zerbait, ezin uka. Jaialdiaz hitz egiten hasita, ilusioa, poza eta maitasuna dira nagusi. Zergatik ote den hain berezia, horra galdera. Aranguren: "Zaintzari sekulako garrantzia ematen zaio. Iaz, adibidez, talde bat etorri zen eta neska bati paniko eszenikoa sartu zitzaion. Oso gaizki pasatu zuen eta igual beste leku batean sekulako presioa igarriko zuen; guk, ordea, esan genion lasai asko ez jotzeko, ez zela ezer gertatzen. Segurtasun-espazio izugarri bat da, badakizu egun horretan ez zaizula ezer txarrik gertatuko, eta hori asko da". Asko da, bai. Ostolaza: "Iaz, Resurrection Fest-en, dantzan ari nintzela, ikaragarri ondo pasatzen, eraso egin zidaten. Erantzun egin nion tipoari, eta denek ikusi zuten gertatutakoa, baina zuk uste duzu norbaitek zerbait esan zuela? Jakina, Resurrection Fest, gero, sekulakoa da: umeentzako eta familientzako txokoak dauzka... Baina hori gertatu zen, egunez, eta denak isilik". Beste eremu batzuetan sor ote daitekeen MEFSSTeko segurtasun bera, horra zalantza. Aranguren: "Zein dagoen antolatzen, zein dagoen soinua jartzen... Emakumeak baldin badaude eremu horietan guztietan, berme handiagoak daude. Eta, oholtza gainean, gizon-eredu oso zehatz bat bakarrik ikusi ordez, bestelako gorputzak ikusten badira, horrek nahitaez eragiten du giroan". Bakarrik gai, lagunekin ere bai Taldean ahalduntzearen indarra, horixe ekarri die, besteak beste, MEFSSTek Arangureni eta Ostolazari. Eta baita beren buruak berrasmatzeko aukera ere. Aranguren: "Hemezortzi urterekin ez nintzen animatu, baina hogeita hamar urterekin sor dezaket talde bat". Ostolaza: "Horri tiraka, gurasotasuna eta musika uztartu ahal izatea, adibidez, garrantzitsua izan da niretzat. Ume bat ekarri arren, joango naiz biran Pottors ta Klitorekin. Beste erritmo batekin egin beharko ditugu gauzak... eta zer? Ez da ezer gertatzen! Uste dut hori dela, benetan, punk jarrera. Dena planifikatu behar al dut? Etorriko dena etorriko da". Taldearen babesari eskerrak, aiseago eusten zaio. Ostolaza: "Aurreneko kontzertuetan, ez zaio mundu guztiari gertatuko, baina, oro har, ez da ondo pasatzen: lotsak, segurtasun falta... Ez da zaila amore ematea, baina inguruak xaxatzen eta animatzen bazaitu...". Besteak beste, horregatik antolatu zituzten iaz rock-udalekuak. Aurten ez dituzte egingo, baina bide emankortzat dute: "Txikitatik aritzeak sekulako eragina du. Musika-eskolak neskaz leporaino beteta daude, eta etxean entseatu daiteke, baina oholtzarako pausoa eman egin behar da. Apustu ona da umetatik estimulu positiboak eta erreferentziak edukitzea". Punka XXI. mendean Ostolaza eta Arangurenen iritziz, punka ez da hil, baina testuingurua aldatu egin da, musika-generoak berak arau berriak sortu ditu, eta, hala, transgresioa ere ezinbestean aldatu behar da. Ostolaza: "Niretzat punkaren oinarrietako batzuk inoiz bezain baliagarriak dira: zuk zeuk egitearen filosofia, gauzak di-da egitea, konplexurik gabe... gauza magikoak dira, eta esentzia hori bizirik dago". Aranguren: "Punkak oinarrian dauzkan gauza pila bat mantendu daitezke, baina gaur egun punkak esan nahi duen hori ez da lehengo gauza bera. Xabier Montoiak bere garaian esan zuen Euskal Herriko punkak euskarazkoa izan behar zuela, benetan punka izateko; bada niretzat, gaur egun, punkak, punka izateko, feminismoa hartu behar du bidelagun, intersekzionala, jakina, eta arraza eta beste hainbat ardatz kontuan hartu". Aurrera eta musika-panoramari oro har begiratuta, baldintza berriak sortzeko beharra azpimarratu du Arangurenek: "Biran ezin da edozein joan: talde batean aritzeko diru pixka bat eduki behar duzu, bestela, ezin badituzu sokak erosi, zail samar. Hego Euskal Herrian oso baldintza eskasak dauzkagu eta talde batean egotea dirua galtzea da". Taldeen artean sekulako aldea dago, gainera: ordaintzen zaienei 25.000 euro ordaintzen zaizkie, eta besteei ez zaizkie 50 euro ere bermatzen. "Landu egin behar dugu hori. Beti edukiko duzu aukera dirua gastatu eta jotzeko, baina beste gorputz eta ahots batzuez hitz egiten ari bagara, baldintzak ere hobetu behar ditugu, eremuak uztartu, bai azpiegituren aldetik, baita baldintza ekonomikoen aldetik ere".
news
argia-83699cfcdf1c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/diskoa.html
Rock and rollaren sua
Joxi Ubeda Goikoetxea
2016-05-22 00:00:00
Rock and rollaren sua Rock and rolla, rock gogorra eta bluesa kemen eta grina handiz jorratzen ditu Arratia bailarako Eskean Kristö taldeak. Kantuak gitarra riffen bidez hasten dituzte, eta gitarren punteoak eta marrazkiak, leloak eta koruak arretaz lantzen dituzte; baita moldaketak ere, oro har, nahiz eta gitarretan oinarritutako doinu gordinak jo. Pello Artabe (ahotsa), Alex Harillo (gitarra), Aritz Ontalvilla (gitarra), Peio Artetxe (baxua) eta Imanol Arrese (bateria) musikari trebeak dira, eta ekoizpen lan ona egin dute Igor Delgadoren gidaritzapean. Hitzak idazteko eta diseinua egiteko zereginak ere ganoraz burutu dituzte.   Indar handia transmititzen duten kantuak grabatu dituzte, ozen entzuteko modukoak. Grabazio saioetan parte hartu duten gainerako musikariak ere ederki aritu dira: Zaloa Urain (ahotsa), Bart Farrell (ahotsa), Arratiako Luis Iruarrizaga abesbatza, Jorge Trueba (pianoa), Vicent Zaragoza (perkusioak) eta Mayor Asier Garcia (perkusioak). Taldearen aurreko bi lanen segida da disko berria –2013an beren kabuz kaleratu zuten sei kantuz osaturiko disko bat eta 2015ean Azote kaldüz diskoa Baga Biga zigiluarekin–, baina kantuetan ukitu eta xehetasun berriak edo desberdinak entzun daitezke, bai doinuetan bai hitzetan. Taldekideek 70eko eta 80ko hamarkadetako rock-and-rolla eta hard rocka eta 90eko hamarkadako eskandinaviar rocka atsegin dituztela suma daiteke kantuak entzunez gero. AC/DC, The Cult, Guns'n'Roses, Black Crowes, The Rolling Stones, Lynyrd Skynyrd, Jimi Hendrix, Santana, Niko Etxart... Mikel Laboari eta Benito Lertxundiri egindako erreferentziak aurki daitezke kantuetan, Ramones taldearekin gogoratu dira Ardigaldua kantuan ("Gabak Gabak Hey zoratu gaitu, Gabba Gabba Hey animalia bihurtu") eta George Orwellen Animal Farm nobelaren zati bat aipatzen dute Ezkurrik onenak kantuan. Ahoan bilorik gabe mintzo dira kantuen bidez: "Txarririk txarrenak ezkurrik onenak jaten jozak" ( Ezkurrik onenak ), "Usteldu gaitu ustelkeriak" ( Radiobenta ), "Zu ez, nahi dut beste bat, otso basati lumatuago bat" ( Otso basati ), "Ez naiz beldur baino ez naiz fio, gezur usaia daukazulako" ( Gure bazterrak blues ).
news
argia-fb8709d5feed
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/hezkuntza-2.html
Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak bultzatzen
Ane Urkola Agirrezabala
2016-05-22 00:00:00
Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak bultzatzen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko Sortzen elkarteak 25 urte egin ditu aurten eta urteroko jaiaz gain –Hernanin izango da aurten, EskolHarria biharko herria lelopean–, hainbat ekintza antolatu dituzte hilabeteotan. Eskola herritarrak eta parte-hartzaileak mahai-inguruan izan gara, Mariam Bilbatua HUHEZIko irakasle ohia eta Gari Torregrosa Iruñeko Izartegi haur eskolako zuzendaria entzuten. Mariam Bilbatuak hartu du hitza lehenengo. Bere esanetan, dimentsio bikoitza ematen dio eskola parte-hartzaileak hezkuntzari: ikastearen dimentsioa eta elkarlanean aritzearen dimentsioa. "Estrategia sozialak dira bizitzeko aukera ematen digutenak; bestearekin elkarrekintzan hazi eta hezten gara, eta horrela eraikitzen dugu gure ikaste prozesua eta garatzen ditugu konpetentziak". Era berean, dio, bi ulermen mota garatu behar ditu gizakiak: ulermen intelektuala eta giza ulermena. Ulermen intelektuala da ingurua ezagutzea; giza ulermena berriz, bestea ulertzea da, besteen arazoekiko enpatia izatea. "Gauza horiek ez dira berez ikasten, eta hezkuntza-erronken barruan sartzen da ezaugarri horien garapena". Ikaskidetza Ikasle-irakasleak ikaste prozesuan inplikatzeko, ikaskidetzan oinarritzea da giltza, esaterako talde kooperatiboetan lan eginez. Ikasleen identitatea, autonomia eta konpromisoa areagotzen du horrek, Bilbatuaren hitzetan. Talde lanak, ordea, ez du bermatzen ikasle guztien parte-hartzea: ikaskidetzaren printzipioak dira emozioekin lotutako ikas-prozesuak martxan jartzea, taldean eraikitako eta negoziatutako helburu partekatuak izatea eta taldea osatzen duten pertsona guztiak ezinbestekoak direla sentitzea. Ikasleez gain, irakasleen integrazioa lortzea ere izan behar da helburua. Irakasleek hausnartu behar dute martxan jarri dituzten prozesuen inguruan, eta irakasleek talde identitatea sortu behar dute: "Erronka baten partaide sentitu behar dute, eta erronka horren erantzukizunak taldearena izan behar du, ez norbanakoarena". Emozioekin lotutako ikas-prozesuak martxan jartzea, taldean eraikitako eta negoziatutako helburu partekatuak izatea eta taldea osatzen duten pertsona guztiak ezinbestekoak direla sentitzea; horra ikaskidetzaren printzipioak Gehitu du Heziberri eta LOMCE bezalako legeek irakaslearen dependentzia areagotzen dutela eta goitik beherako ereduek ez dutela irakasleen inplikazioa lortzen: "Eredu horiei aurre egiteko behar ditugu ikaste komunitate profesionalak". Komunitate hauek eztabaida eta hausnarketa dituzte ardatz, eta ezagutza partekatzeko hizkuntza bateratua dute: "Gauzak aztertzeko eredu beraren barruan kokatzen dute komunitatea". Talde konpromisoa da funtsa eta profesional bakoitzak sentitzen du kidearen beharra, denen parte-hartzea ahalbidetuz eta elkarrenganako konfiantzatik abiatuz. Komunitateak sortzeko, baina, instituzioen babesa behar da: "Irakasleek lan egonkorra behar dute, ikas-komunitateak garatzeko aukera eta baldintzak izango dituztenak". Administrazioaren konfiantza ere inportantea da: "Kontrol burokratikoen sistema bultzatzen dute administraziotik eta horrek ez du laguntzen horrelako proiektuak garatzen". Hezkuntza komunitatea = hezkuntza formal, informal eta ez formala Hezkuntza ez formalak (aisialdiak, komunikabideak…) eragina du ikasleen formazioan eta garapenean. Irakasle ohiak azaldu du eskola komunitateak kontzientzia horretatik garatu behar direla, eta horretarako, beharrezkoa da hezkuntza sareak sortzea: "Eragile sozial, politiko eta kulturalek eta hezkuntza komunitateak helburu komunak behar ditugu". Hala, hezkuntza formal, informal eta ez formalean aritzen diren eragileen gogoeta bultzatu behar da: "Eragile guztien parte-hartzea bermatu behar dugu, eta hori ahalbidetuko duten mekanismoak garatu". Martxan jartzen diren proiektuak sozializatu eta ebaluatu behar dira, bere ustez. Iruñeko Izartegi, eskola parte-hartzailerantz "Familiok eta hezitzaileok batera sortzen dugu proiektua eta denok helburu bera dugu: haurraren ongizatea". Gari Torregrosa Iruñeko Izartegi haur eskolako zuzendariaren hitzak dira. 1976an jarri zuten martxan haur eskola, herri mugimenduaren eskariak bultzatuta. 1995. urtean momentu zailak izan zituen, baina gurasoen eta hezitzaileen borrokari esker, ez ixtea lortu zuten. 2006an berritu eta gaur egun 0-3 urte arteko haurrak jasotzen ditu Txantrea auzoko heziketa zentroak. Metodologia ugari erabiltzen dute, eta ideia bat dute oinarri: "Haurra gaitasunez beteriko pertsona da". Entzumen aktiboa lantzen dute haurrekin zein familiekin, beren beharretara egokitzen saiatzen dira. Emozio eta sentsazio ugari lortzeko espazioak eskaintzen dizkiete haurrei, eta haiek erabakitzen dute zer landu:  "Esperimentatzeko askatasuna ematen diegu". Horretarako, "ondoan"izaten dute laguntzailea, ez aurretik, ez eta atzetik ere. Familien parte-hartzea sustatzen da eta ikasturtean zehar egiten dituzten bileretan, eroso egoteko mekanismoak jartzen dituzte, "familiak zaindu egin behar direlako". Egunerokoan, gurasoak haurren bila barruraino sartzen dira, gardentasun eta konfiantzaren seinale. Senideentzako eremuak ere badituzte ikastetxean: "Gurasoek beren seme-alabekin igaro ditzakete bi ordu arratsalderen batean, eta hori baliatzen dugu egon daitezkeen dudak edo zalantzak argitzeko". Auzoko hainbat elkarterekin ere harremanak garatzen ari dira, tartean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin. Praktika programa bat jarri dute martxan eta eskola horietako hainbat ikaslek egin dituzte praktikak haur eskolan. Auzoko musika taldeen edota ipuin-kontalarien bisita ere izan dute, besteak beste. Mahai-inguruaren amaieran, publikoan dagoen irakasle batek hartu du hitza, eta ondo laburbildu du gogoeta orokorra: "Komunitateko kideek posible dela sinetsi behar dugu: ideiak eta bideak arakatu, ahalegina egin, elkartu eta apustua egin, guztion artean".
news
argia-39a88897f0ad
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2508/paul-bilbao-kontseiluko-idazkari-nagusia.html
�UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak�
Onintza Irureta Azkune
2016-05-22 00:00:00
�UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak� Kontseiluak manifestazioa deitu du Iruñean ekainaren 4rako: Bide eman euskarari. Euskaraz bizi nahi dugu. Lau alderdiko gobernuari babesa emateko eta eskatzeko antolatu dute. UPNren oldarraldien aurrean herritarren babesa izango dute, baldin eta neurri ausartak hartzen baldin badituzte. Gobernuko kide den Izquierda-Ezkerraren jarrerak harrituta dauka Kontseilua. Ekainaren 4an manifestazioa Iruñean. Gobernuan ez dago UPN. Zergatik manifestazioa? Zergati horri erantzuteko egokiena manifestazioaren leloari erreparatzea da, Bide eman euskarari. Euskaraz bizi nahi dugu. Bide eman euskararik baditu bi mezu, bat gobernuari begira. Badakigu nondik gatozen, gobernu aldaketa egon zenean espektatiba asko sortu ziren, aldaketa euskaratik eta euskaraz izango zela, alegia. Egia da, eta guk esaten dugu, aldaketa batzuk egon dira, beste keinu bat dago gobernuaren aldetik. Euskalgintzatik ikusi dugu, ateak irekitzen zaizkigu. Lehen ez bezala. Lehen ateak ere ez zitzaizkigun irekitzen. Guk beti esaten dugu, egiten diren gauzak aitortu behar dira, baina gure ustez urrats eragingarriagoak eman beharko lirateke. Zergatik? Gatozen tokitik gatoz, denok dakigu UPNk zer-nolako politika zitala egin duen herritarren aurka. Injustizia horiei guztiei aurre egiteko neurri ausartagoak beharko lirateke. Manifestazioa baliatu nahi dugu gobernuari esateko, "Bide eman euskarari!", eta gu guztiok hor egongo gara. 2010ean egin genuen manifestazioa etortzen zait gogora. "Aski da!", "Baztertzen gaituzue!", "Ez dago eskubiderik!" ziren orduko mezuak. Oraingoa bestelakoa da, zentzu positiboa du, "hemen gaituzue" esatera gatoz. Teorian, konplizitatez jardun beharko genuke. Badakit herritarrentzat agian mezua ulertzea zaila dela, Nafarroan kalera atera garenean salatzera atera izan garelako, eta oraingoan ez goaz salatzera eskatzera baizik. Iruditzen zaigu aukera errealak egon daitezkeela euskarari bide emateko, euskalgintzaren, gizartearen eta gobernuaren artean. Leloak bi mezu dituela esan duzu. Bigarrena, Bide eman euskarari, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako. Nafarroako Gobernuak erabaki interesgarri batzuk hartu izan dituenean (eta hartu izan ditu), harritu gaitu nola oldartu diren sektore batzuk, hain zuzen ere justiziaren izenean hitz egiten duten sektoreak, diskriminazio ezaren inguruan hitz egiten dutenak. Ez, ez, barkatu, ez gaude batere ados. Hizkuntza eskubideen alde egitea oreka sozialaren alde egitea da, justizia sozialaren eta berdintasunaren alde egitea. Ulergaitza egin zaigu, beste gai batzuetan nola altxatu diren, "bai, bai, Nafarroa justuago bat eta herritarren arteko bereizkeriak eragingo ez dituen Nafarroa behar dugu", eta hizkuntzari dagokionez gobernuak keinuren bat egin duenean apartheid batzuk amaitzeko, nola aldatu diren! Zuek uste baino motelago al dabil gobernua? Bai. Denok bagenekin UPNk euskararekin bandera egingo zuela, edozein neurri handi edo txiki hartuta UPN oldartuko zela. Oso esanguratsuak izan ziren UPNren Kongresuan Esparzak egin zituen adierazpenak: "Gu gobernura itzultzen bagara eremu ez euskalduneko eskolak itxiko ditugu". Hori bagenekien. Baina UPN aztoratzen delako gu ezin gara kikildu. Oinarrizko eskubideez ari gara, eta arrazoia daukagu, eta ez naiz termino politikoetan hitz egiten ari, orain oldartu diren horiek justizia soziala aldarrikatzen dutenean gauza bera eskatzen dute. Beste gai batzuetan zelako neurri ausartak edo interesgarriak hartu diren berdintasuna bermatzeari begira, eta euskararen gaian… Batetik, UPNk bandera egin zuen gai horrekin.  Bestetik (eta kezka handiagoa sortzen digu), akordio programatikoa sinatu duten lau alderdi horietako baten jarrera ez zaigu logikoa iruditzen. Alderdi guztiek ez dute jarrera bera. Izquierda-Ezkerrarentzako mezua al da zuena? Esaten dute gobernua ez dela inoren gobernua. Alderdi guztiek esan didate. Esaten dutena da: akordio programatikoa daukagu eta gobernuari dagokio akordio hori kudeatzea. Baina akordio horrek arazo handi bat dauka, desadostasunak tarteko Euskararen Legeari ez diote heldu. Onartezina da. Hamarkadatan Nafarroako gizartea behin eta berriro atera da esanez ezin dela onartu Tuterako herritarrari eta Baztangoari eskubide desberdinak aitortzea. Teorian aldaketarako diren alderdiak mahaiaren bueltan jartzen dira eta... (mahaitik papera erortzeko keinua egin du) jausi egiten zaie. Hala diote: "Ez, hemen desadostasunak daude". Oinarrizko eskubideen inguruko araudia eta desadostasunen kaxoian sartzen da? Lau alderdiak ados dauden kontuetan ere kezkak ditugu, zeren adostasunetan jartzen zuen UPNk abian jarritako dekretu murriztaileak bertan behera geratuko zirela. Oraindik dekretu horiek indarrean daude. Zer da premiazkoena? UPNk dekretu bidez, beraiek deitzen dioten eremu mixtotik euskara desagerraraztea lortu zuen. Dekretua sortu eta hurrengo egunean, Nafarroako administrazioko eraikin guztietatik kendu zituzten euskarazko errotuluak. Hori indarrean dago oraindik Nafarroan. Premiazkoena dekretu hori bertan behera uztea da. Gobernua hartu eta lehenengo egingo zuten gauza izango zela uste nuen. Dekretu horrek karga sinboliko handia izan du Nafarroan: "Euskara ez duzu ikusi ere egingo". Izquierda-Ezkerraren jarrerak harritu zaitu. Jarrera batzuk ez datoz bat beraien oinarrizko printzipioekin, eta zilegi bekit halako gauza bat esatea. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen inguruan esaten dituztenak oinarrizko printzipoen kontra doazela. Euskararen Legea soilik ez, zerrenda bakarra, lan deialdia... horiekin ere gertatu da. UPN badakigu zer den, baina harrigarriagoa izan da beste alderdi batzuen jarrera [Izquierda-Ezkerra eta Podemos]. Oso larria da. UPNk erabiltzen duen argudio berbera erabili du Izquierda-Ezkerrak. Euskararen Legearen aldaketa Izquierda-Ezkerrak sustatu zuen. Zuk corpus juridikoan aldaketa bat egingo baduzu, jakin behar duzu aldaketa hori egikaritzeko neurri politikoak hartu beharko direla. Zuk uste baduzu Fustiñanan edo Cascanten eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidea bermatu behar dela, pentsatu behar dut ohartuko zarela hango lanpostu batzuetan euskara jakitea derrigorrezkoa izango dela, irakasleak beharko direla. A ez, hori diskriminatzailea da. Orduan nola bermatuko dituzu eskubide horiek? Faborez, serioak izan behar dugu. Ezin gara ibili argazkiaren bila, esanez, "gu izan gara eremu ez euskaldunean eskola publikoetan umeek euskaraz ikastea ahalbidetu dugunak". Bai, baina neurriak hartzen hasi eta aztoratu egiten zarete. Oraindik ia hiru urte geratzen zaizkio gobernuari. Erabaki ausartenak hasieran hartu behar dituzu. Lehenengo urtean erabakiak hartuta, gero badituzu beste hiru urte modu pedagogikoan azaltzeko zergatik egin duzun hori. Bestalde, lehenengo urtean hartutako erabakiak hurrengo hiru urteetan lausotzen dira. Erabaki hura, hain potentea zena, azkeneko urtean erdi ahaztuta dago. Eta azken urtea urtegiak zabaltzeko da. Aukera galdua izango al da agintaldia? Sinesbera naiz. Itxaropena daukat. Horregatik erabaki dugu manifestazioa egitea. Ez goaz salatzera. Zure lehenengo galdera oso logikoa zen, UPN ez dago eta manifestazioa? Uste dugu oraindik aukera errealak daudela, borondatea baldin badago. Horregatik, gizartearen zati handi bat, euskaraz bizi nahi duen gizarte hori, laguntzeko prest dagoela erakutsi nahi dugu. Zaila da azaltzen baina oso jite desberdina daukate oraingo manifestazioak eta 2010ean egin genuenak. Oraingoa agian zailagoa da jendeari transmititzea. Askoz errazagoa da "UPN kanpora!" esatea. Manifestazio hau da gobernuari erakusteko neurri ausartak hartzen baldin baditu babes soziala izango duela, babesa izango duzu eta eskatzen dizugu neurri ausartak hartzea.
news
argia-f94aff6a3ef6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/teknologiaren-argi-ilunak.html
Teknologiaren argi-ilunak
Inma Errea
2018-04-01 00:00:00
Teknologiaren argi-ilunak Gizonak –70 bat urteko erretiroduna edo– udako apartamentuko elektrizitate-tarifa aldatu nahi zuen. Langileak adeitsu azaldu zion izan bazutela horretarako tarifa egokia. Hasi ziren tramiteekin, eta langileak helbide elektronikoa eskatu zion. Gizonak harridura-keinu bat egin zuen: "Ez daukat". Ozenki esan zuen, zain ginenok entzuteko beste. Langileak irribarretsu erantzun zion: "Benetan?". Ordurako, irriak eta zurrumurruak hedatuak ziren bulegoan. Sentipen berezi bat jabetu zen nitaz. Arraroa zirudien, harritzekoa, garaiotan posta elektronikorik gabe bizitzeak. Halako tresnarik ez edukitzea, bestalde, oztopo bilakatzen ari zen gauza arrunt bat egiteko –elektrizitate-tarifa aldatzeko–. Baina, aldi berean, inbidia puntu bat igarri nuen nire (gure?) baitan: nolakoa izanen zen bizitza azken urteotako baliabide teknologikoen mendean egon gabe? Informatikak eta bestelako aurreramendu teknologikoek gauza asko erraztu dizkigute gizakioi –ez guztiei, ordea!–. Baina abantailekin batera mendetasun batzuk ere ekarri dizkigute: ezin gara bizi mugikorrik edo posta elektronikorik gabe, eta etengabe beraiei begira erne eta adi egotera behartzen gaituzte halakoek. Enpresa pribatuek eta administrazio publikoek ere norabide berean bultzatzen dute: legeek eskubide gisa aurkezten digute komunikazio eta izapideetan aurreramendu teknologikoak baliatzea, baina poliki-poliki betebehar bilakatzen ari da hasieran aukera zena. Eta sare sozialen papera ere erabakigarria bihurtzen ari da demokraziari dagokionez: sare sozialek demokraziaren alde jokatu dute, eta jokatzen ari dira, munduan, baina, hain zuzen haien ahalmen demokratikoagatik, gero eta handiagoa da kontrol unibertsalaren arriskua. Xavier Sala i Martín ekonomialari katalanak ez die muzin egiten berrikuntza teknologikoei. Aurkeztu berri duen La invasió dels robots i altres relats d'Economia en colors liburuaren harira dio saihestezinak direla berrikuntzak, eta hala onartu behar dugula. Baina aitortzen du berrikuntzak gero eta azkarrago doazela, eta badela berrikuntzek beraiek eta haien abiadura lasterrak kaltetutako jendea. Sala i Martín ez da ezkerreko ekintzaile bat –Columbiako Unibertsitateko irakaslea amerikartua Davoseko bilkuretara gonbidatzen dute beti–, baina dio beharrezkoa dela mekanismoak sortzea haren hitzetan berrikuntzek beraiekin berez dakarten "suntsipen sortzaileak" kaltetutakoei aurrera egiten laguntzeko. Eta bi arrazoirengatik egin behar dela: etikagatik eta... egoismoagatik! Hasieran aipatu dudan gizonak alabaren helbidea eman zuen elektrizitate-tarifa aldatzeko…
news
argia-5a1e88dd9c28
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/louisa-wall.html
"Datozen hamar urteetan Zeelanda Berriaren erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat"
Amaia Zabala Tolosa
2018-04-01 00:00:00
"Datozen hamar urteetan Zeelanda Berriaren erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat" Zeelanda Berriko errugbi izarra, LGBTI kolektiboaren borrokan liderra eta herrialdeko komunitate indigenaren defendatzaile sutsua da Louisa Wall maoria (1972). Parlamentari dihardu, britainiarren kolonizazioak utzitako ondorioei aurre egitea helburu. 5 urterekin hasi zinen errugbian jokatzen, 1988an Emakumeen Munduko Lehen Errugbi Kopa irabazi zenuen BlackFerns taldearekin eta netball eta errugbi kirolen ordezkari nazionala ere izan zara. Errugbia Zeelanda Berriko kulturaren parte da eta bertako herritar izanik poz izugarria da kirol honetan jokatzea eta arrakastatsua izatea. 70eko hamarkadan jaio nintzen eta nire garaian neskek kirol hau praktikatzea ez zen ohikoa, hala ere, aitak mutilen talde batean nire izena eman zuen eta ez nintzen txarra. Baina neskatoa nintzela ohartzean berehala bota ninduten taldetik eta helduxeago izan arte ez nuen berriro klub batean parte hartzeko aukerarik izan. Pixkanaka nabarmentzen eta emaitza onak lortzen hasi nintzen eta arrakastarekin batera ametsak izaten hasi ere; gure nazioa ordezkatzea ametsa egia bihurtzea izan zen. Zein da emakumeen kirolaren egoera Zeelanda Berrian? Zeelanda Berria, beste hainbat herrialde bezala, irekia eta inklusiboa dela sinesten dut. Ez daukagu estereotipoen aurka borrokatu beharrik, inork ez du esaten emakumeek ezin dutenik kirolean parte hartu. Alderantziz, emakumeak kirolean parte hartzera animatu ohi dira. Eta emakume kirolari miresgarriak ditugu, oso konpetitiboak eta arrakastatsuak, harro nago daukagun mailaz. Esango nuke Zeelanda Berriko emakumeek abantaila dugula horretan. Datorren Emakumeen Munduko Errugbi Kopa zuen herrialdean jokatzeko deia egin duzu. Zeelanda Berria Munduko Kopako irabazle bost aldiz izan ondoren, bada garaia. Nik txapelketa jokatzen nuenean familiaren eta komunitate osoaren sekulako babesa jaso nuen beti, baina ezin zuten inoiz partiduak ikustera joan atzerrira, ezin zuten bidaia ordaindu. Edozein kirolarirentzat oso pozgarria da etxean jokatzea senide, lagun eta herriaren aurrean. Gainera merezi duen aitorpena emango lioke emakumeen errugbiari: egindako lanari errespetua adierazteko eta gure txapelketa profesional propioa izatea zein garrantzitsua den erakusteko modua litzateke. Nazioarteko partiduetan, Zeelanda Berriko jokalariek Haka dantza deigarria egin ohi duzue. Haka indigenen tradiziotik dator eta jokoarekiko konpromisoa, erronka eta elkarrenganako errespetua adierazteko dantza da. Indigenen errugbi txapelketa batera joaten bazara, haka bi taldeek aldi berean egiten dutela ikusiko duzu. Lehiaketarako prestatzeko eta boterea erakusteko errituala da. Errugbi taldeek bereganatu dute eta indigenen herriari ohore egiteko modu bat da. Gure kulturaren eta hizkuntzaren zati bat munduari erakusteko balio du. 2015ean politikara egin zenuen salto. Zerk bultzatuta? Politikari lotuta egon naiz beti, batez ere nire komunitateari eta gizarteari; ezin naiz injustizien aurrean isilik eta ezer egin gabe geratu. Horregatik, nahiz eta kirolean erabat zentraturik egon, karrera bat ere atera nuen eta politika sozialari buruzko masterrarekin amaitu nituen ikasketak. Gure sistema politikoko erronka askotan parte hartua nintzen, unibertsitatean ere elkarte politiko askotan inplikatu nintzen eta pertsona publikoa izanik jendeak asko jotzen zuen nigana gai politikoen inguruko kezka eta kexekin. Eta azkenean esan nuen, gure familientzat soluzioak nahi baditut, ez da nahiko sistema publikoko parte izatearekin, sistema politiko hau sortzen parte hartu beharra dago. Eta hori parlamentuan gauzatzen da, beraz zerbait aldatu nahi bada bertan egon beharra dago. "Onartezina da Pazifikoan LGTBI izateagatik norbait kriminalizatzea, baina horiek ez dira gure legeak, Britainia Handiko legeak dira, haien kolonizaziotik jaso ditugun legeak, eta bada horiek aldatzeko garaia" Eta parlamentari egin zinen. Alderdi Laboristarekin bat egin nuen [Gobernuan gaur egun], niretzat beti izan da batasunaren alderdia, maori eta indigenen komunitatearekin elkarbizitza sustatzeko pausoa eman duen eta berdintasun harremana izan duen alderdia. Behin parlamentuan sartuta, erronkaz beteriko lana da, multidimentsionala. Alde batetik hautesleen bulegoan egiten dudan lana eta bestetik parlamentukoa. Manwreawko herritarrek aukeratu ninduten parlamentuan haien ordezkari izateko, beraz herri honetan dut hautesleen bulegoa, eta astean behin haietaz arduratzen naiz bertan. Zoritxarrez, jendea krisian dagoenean soilik hurbiltzen da, kexak, kezkak eta arazoak planteatzeko edo denbora luzez itxaroten ari diren zerbait eskatzeko. Nire esku dagoen guztia egiten dut beraiekin elkarlanean konponbideak bilatzeko. Une honetan esaterako, zabor bilketari lotutako arazo handi bat dut eskuartean. Eta horrela al da Zeelanda Berriko komunitate guztietan? Herritarrek parlamentuko ordezkariarekin kontaktu zuzena dute? Bai, parlamentariak astean egun finko bat du herritarrekin elkartzeko; bizilagunek hitzordua eskatzen dute. Berehalako zerbitzua behar duten kasuetan, hauetan bulegoko gainontzeko langileak arduratzen dira. 2012ko zure ekimenari esker, Zeelanda Berria sexu berekoen arteko ezkontzak onartzen lehena izan zen Ozeanian eta hamahirugarrena munduan. Une egokia zen, AEBetan hauteskundeak ziren eta Barack Obamak apustu bera egin zuen. Horri esker eztabaidagai bihurtu zen alde guztietan. Frantzia, Ingalaterra, Irlanda eta munduko hainbat lekutan hasiak ziren legeztatzeko prozesuarekin eta argi neukan Zeelanda Berria prest zegoela eta ez zuela beldurrik izan behar eztabaida honetan sartzeko. Legeztatze prozesuaren lidergoa nire gain hartzea eta borroka hau irabaztea erabaki nuen; hasi nintzen araudia aztertzen eta egunkarietara iritzi-artikulua bidali nuen. Gaia pil-pilean jarri zen hedabideetan. Eta zuk giza eskubideen urraketa zela zenioen… Hala da, urraketa argia, gobernua herritarren zati bat diskriminatzen ari zelako. Gobernuak ez dira erakunde erlijiosoak, herritarren interesak eta eskubideak babestuta daudela bermatu behar duten erakundeak baizik. Transexualen kasuan adibidez, gutxiengoa dira eta gizartetik baztertuta daude, jarrera aldatu behar dugu, gizarteak ezin ditu diskriminatu, eta gobernuari dagokio bereziki haiek babestea. Onartezina da Pazifikoan LGTBI izateagatik norbait kriminalizatzea, baina horiek ez dira gure legeak, Britainia Handiko legeak dira, haien kolonizaziotik jaso ditugun legeak, eta bada horiek aldatzeko garaia. Zeelanda Berriak transgeneroen ebakuntza gehiago finantzatu beharko lituzkeela esan duzu sarritan. Ebakuntza hauetan aditua zen zirujau bat geneukan herrialdean eta duela lau urte jubilatu zen, beraz une honetan ez daukagu zirujaurik. Azken hiru urteetan ez da hemen ebakuntzarik egin, jendeak kanpora bidaiatu beharra dauka eta ebakuntza euren poltsikotik ordaindu. Gizonetik emakumerako trantsizioa nahi duten 73 lagun eta emakumetik gizonerako trantsizioa nahi duten 21 lagun ditugu itxaron zerrendan. Nazio bezala gure herritarrak kanpora bidaltzen eta babes gabe uzten ari gara, eta gai izan beharko ginateke genero-kirurgiak gauzatzeko. Dena den, ez dut uste soilik hemengo arazoa denik, premiazko elkarrizketa global baten beharra dago gai honen inguruan. Haur intersexualen kasua esaterako; sexu-organo anbiguoekin jaiotzen dira, 2.000 haurretatik bati gertatzen zaio, hortaz Zeelanda Berrian urtean 30 haur jaiotzen dira bagina eta zakila, biak dituztela. Egun, medikuek zuzenean ebakuntza egiten dute eta batzuetan gurasoek eta bestetan medikuek erabakitzen dute umearen generoa, gehienetan neska. Baina hori ez da irtenbidea, medikuek ziurtatu behar lukete bi funtzioak ondo daudela, genitalek osasun arazorik ez dutela eta haurra bere kabuz erabakitzeko gai den arte itxaron beharko litzateke, ebakuntza egiteko. Bi urte daramatzagu gai honetan lanean Giza Eskubideen Aldeko Batzordean, eta duela gutxi Zeelanda Berriko pediatren elkartearen babesa lortu dugu. Premiazko gaia da: 2011n gobernuak egin zuen ikerketa baten arabera, LGBI pertsona bazara hiru aldiz aukera gehiago dituzu alkohol edo droga-menpeko izateko, talde diskriminazioa jasateko eta zure buruaz beste egiteko. Trans pertsona bazara, lau aldiz aukera gehiago dituzu. Munduan 76 herrialdetan kriminalak gara LGTBI izateagatik eta munduan 13 herrialdetan hil egin gaitzakete. Familia eta komunitateekin kontzientziazio lana egiten dugu, baita erlijio komunitatearekin ere, orokorrean erlijio gehienek LGTBI komunitatea babesten ez duten arren. Baina bereizketa egin behar da erlijioetako buruen eta sinestunen artean, ni neroni bataiatua naiz, ofizialki kristaua naiz. Munduan bizi-kalitate eta hezkuntza sistema onenetakoa duen herrialdeen artean da Zeelanda Berria, eta ingurumena gehien zaintzen duen munduko bosgarren herrialdetzat hartzen da. Bat zatoz? Oro har, seme-alabak hezteko leku ezin hobea da hau, baina 90eko hamarkadaz geroztik aberatsen eta pobreen arteko aldea handitzen ari da, eta nazio txikia izanik, guztiontzako bizi-kalitate ona bermatzea posible izan beharko genuke. Adibidez, etxe publiko gehiago behar ditugu etxegabeentzat. Bestalde, Auckland hirian herrialde osoko herena bizi da, populazio berri asko etorri da eta hiriko azpiegiturak ez daude prestatuta hainbeste jenderentzat. Hainbat herritan aldiz, biztanle oso gutxi bizi dira, oreka bilatu beharko genuke. Jacinda Ardern lehen ministroak jakinarazi du haurdun dagoela; haurdun egotea eta ardura postuak izatea bateragarri diren seinale. Emakume bat haurdun izatea munduko gauzarik normalena da. Bikotearen erabakia da eta gizonek ere hazi ditzakete haurrak, mezu hori zabaldu behar da. Emakumeek haurra izatea ez da esanguratsua, baina gizonek emaztearen karrera profesionalari lehentasuna ematea eta seme-alabak zaintzeko ardura beraiek hartzea, hori bai da esanguratsua. Waitangi Eguna ospatu zen otsailaren 6an. Zein esanahi du egun honek?   1840an Treaty of Waitangi dokumentua sinatu zuten maori eta britainiarrek, Zeelanda Berriak gobernu egonkor bat izatea helburu. Aurretik maoriak herri propioa ginen, 1835ean nazioarteak aitortua, baina britainiar eta frantziarrak gure lurren atzetik zebiltzan eta britainiarrek maoriak konbentzitu zituzten, lur hauek legeak behar zituztela esanez, hortik jaio zen akordioa. Nire maori eta indigena ikuspegitik, ordea, kolonizazioaz hitz egin beharra daukat. Akordioaz mintzo dira baina argi dago lur hauek bereganatzea zutela helburu. Batzuek Waitangi Egunean nazioaren sorkuntza ospatzen dute, eta guretzat ordea, gure bizimodua uztera behartuak izan ginen eguna da. Britainiarren legeak inposatu zizkiguten maoriei, indibidualismoan oinarritutako sistema kapitalista hain zuzen. Jendeak lan egin eta soldata bat jasotzen du eta diru horrekin lurrak eta etxeak jabetzan hartzen ditu. Maorion sistema erabat bestelakoa zen, komunitate bateko parte ginen eta arrantza eta uzta komunalki egiten genuen. Hori guztia galdu genuen. 1975ean parte-hartze prozesua deituriko akordioa sinatu genuen, nik adiskidetze prozesua deitzen diot, gure Treaty of Waitangi . Akordio horri esker, aitortza eta ordain ekonomikoa jaso ditugu. Hala ere, egun oraindik konplikatua da maorien eta Zeelanda Berriko Gobernuaren arteko harremana. Dirua eta lurrak lapurtu zizkiguten, emakumeak bortxatu, indigenak bahitu, torturatu eta kartzelaratu… Ezin dituzu lurrak zure egin manta, tabako eta alkohol pixka baten truke. Gure historia koloniala, munduko edozein lekutan bezala, diru-goseagatik eta nagusitasunagatik izan zen. Erabateko giza zapalketa izan zen, maoriera hitz egitea ere debekatu ziguten. Eta gaur egun ba al dago indigenen hizkuntza babesten duen legerik? Bai, 1995eko legeari esker, ingelesarekin batera Zeelanda Berriko hizkuntza ofiziala da eta baita zeinuen hizkuntza ere. Eta zein da maori jendearen egoera sozio-ekonomikoa? Aucklanden bizi diren maorien %28 soilik da etxearen jabe, beste guztiak errentan edo gobernuak ezarritako etxebizitza publikoetan bizi dira. Eta familia asko eta asko oso baldintza txarreko pisuetan bizi dira, elektrizitaterik gabe esaterako. Desoreka handia dago: laguntza ekonomikoak behar dituzten familien %60 maoriak dira, eta kartzelako populazioan gauza bera. Lapurreta kolonialaren ondorioak jasaten ari gara oraindik. Hirietara etortzera behartuak izan ginen familiaren babesik gabe eta jendeak pobrezian amaitu du. Eta belaunaldiz belaunaldi errepikatzen da historia. Zeelanda Berria herrialde independentea da, baina oraindik Erresuma Batuko erregina duzue, nola likete? Kolonizazioaren ondorioa da. Gobernua eta parlamentua antolatzeko modua, ezarritako legeak… eta teknikoki Zeelanda Berriko gobernadore orokorra Elizabeth II.a da. Oraindik kolonizazioaren aje asko ditugu konpontzeko, tartean errepublika bihurtzea edo bandera aldatzea. Datozen hamar urteetan erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat.
news
argia-e2f92703c44b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/mural-agentzia.html
Sao Pauloko periferietatik kronika burujabeak
Lander Arbelaitz Mitxelena
2018-04-01 00:00:00
Sao Pauloko periferietatik kronika burujabeak Joâo Paulo Brito eta Rafael Balago 1988an jaioak dira Sao Paulon. 12 milioi lagun bizi dira Brasilgo hiri erraldoi horretan eta argi dute hedabide nagusiek ez dutela hiri osoan gertatzen dena jasotzen, ezta gutxiago ere. Periferiak informatiboki zein modu estereotipatuan jorratzen zituzten ikusteaz nazkatuta, auzo hauetako kazetari gazteen sarea osatzeari ekin zioten. Emaitza: Mural Agentzia. Bakea eta Duintasuna elkarteak Euskal Herrira ekarrita, proiektua ezagutzeko aukera izan dugu. Nola sortu zen Mural eta zertarako? Rafael Balago: Bruno Garcés izeneko kazetariak bloga ireki zuen Sao Pauloko periferiei buruz hitz egiteko. Berak zioen, askotan idazten zuela atzerriko herrialdeez, baina gero, ez zuela bertako auzo askori buruz sekula idatzi, eta leku horiez, beti oso albiste txarrak ematen zituztela hedabideek. Hilketak, biolentzia... estereotipoak jaun eta jabe. Pixkana gorputza hartzen joan zen eta formazioa ematen hasi zen periferian bizi ziren gazteei, beraiek informa zezaten bizi ziren lekuan gertatzen ziren gauzez. Ordutik, blog hori berri agentzia bilakatu da. Joâo Paulo Brito: Sao Pauloko periferiak aipatzen ditugunean, hitz egiten ari gara zentrotik urrun dauden auzoez. Askok ez dute ez zinema, antzoki eta oinarrizko prestazio publikorik. Erdigunera joateko autobusa hartu eta bizpahiru ordu behar dira leku hauetatik, batzuetan gehiago. Hedabideetan nagusi diren klase ertaineko kazetariek ez dituzte ezagutzen periferiak. Ez dute ezagutzen errealitate hau eta ez dute pertsonen bizitzez idazten, dagoen aktibitate kulturalaz. Beti hitz egiten dute bandidoez edo hiltzaileez, pertsona txiroen kriminalizazioa izugarria da. Mural agentzia aitzindaria da, auzo hauek periodistikoki modu positiboan jorratuz. Eredugarri ikusten gaituzte askok, masa hedabideek auzo hauek jorratu behar lituzketen modua praktikan jartzen dugulako. Zer nolako kazetaritza egiten duzue? J.P. Brito: Mural agentziaren DNAn daramagu ez dugula beste hedabideek egiten dutena erreproduzitu nahi. Ez dugu soilik jende txiroaren arazoez hitz egiten. Enpatizatzen saiatzen gara, irakurtzea merezi duten historia ederrak bilatzen edo, proiektu interesgarriei buruzko albisteak jorratzen ditugu. Sao Paulon kultur-leherketa handia bizi dugu azken urteotan: ekimen asko egiten dira, zinema herrikoiak, kontzertuak eta abar. Mural agentziatik hau jorratzen dugu, herritarrei errealitate hau hurbiltzeko. Hemen bizitza dago, adi egon behar duzu, gauza interesgarriak daude. Periferia hitza zuen proiektuan ardatza da. J.P. Brito: Ez dakit ongi gauzak nola diren hemen Euskal Herrian. Sao Pauloz ari garenean, jendeak lanera joateko orduak egiten ditu garraioan. Badaude favelak, baita auzo egituratuagoak ere, baina funtsean hiri txikiak dira beste erraldoi baten barnean. Milioika pertsona horien multzoan, auzoek berezko dinamikak dituzte, eta batzuek adibidez, Bilboren tamaina dute. Eremua handia eta oso ezberdina da. Hedabide handiek  oso modu ezberdinean kontatzen dituzte erdigunean bizi baldintza hobeagoekin bizi direnen albisteak, eta periferian gauden milioika pertsonaren bizitzak. R. Balago: Hiriko kazetari gehienak Sao Paulo erdialdeko koadrilateroan bizi dira, han egiten dute lan, eta kanpoaldeko auzo batera joateko kazetariak bi edo hiru ordu behar ditu autoan, lan egin eta itzuli beste horrenbeste ordu igaroz errepidean. Ez dira heltzen istorio hauetara gu heltzen garen bezala, gu han bertan baikaude. Nik askotan ikusi dut kazetari bati elkarrizketa interesgarri bat eskaini eta balizko elkarrizketatua urrun bizi delako kazetariak uko egitea. Erredakzioetan askotan gertatzen da. Zein da errealitate mediatikoa Sao Paulon? R. Balago: Batzuek egunkariak erosten dituzten arren, periferietan informazio iturri nagusia telebista da. Pozik gaude ikusi izan dugulako guk argitaratutako informazioek batzuetan eragiten dutela telebista kate handiek ondoren gai horiek jorratzea. Kontaktuak eskatzen dizkigute batzuetan. J.P. Brito: Aipagarria da guk artikulu batzuk idatzi izan ditugunean auzoren bateko beharrei buruz, handik gutxira, udaletxeko langileak joaten direla konponketak egitera. Arazo horiek beste hedabideek ez zituzten aipatzen, eta beraz, gurea presio moduko bat ere bada. Zenbat kolaboratzaile dituzue eta nola egin duzue sarea? Rafael Balago: "Auzoetan deialdiak egin, webgunean jorratutako materiala inprimatuta eraman eta kaleko paretetan itsasten hasi ginen jendeak irakur zezan" R. Balago: Iaz 58 lagunek idatzi zuten zerbait Mural en, egun 80 bat gara. Kontutan hartu behar da denbora librean egiten den lana dela, eta denok beste lanpostu bat dugula. Urtean behin biltzen gara denok, proiektuaz hitz egiteko. J.P. Brito: Orain gutxi arte ez zen ohikoa gazte txiroak unibertsitatera joatea. Lula da Silvak bultzatako programa sozialei esker, aldaketa handia bizi izan dugu Brasilen. Beka ugari sortu zituzten eta gu biok, adibidez, beka hauei esker unibertsitatera joan ginen. Gure familietan unibertsitate ikasketak dituzten lehenak gara. Mural agentziak honi ere erantzuten dio. Unibertsitatera heldutako gazteok, uneren batean gu bezalako gazteek osatutako agentzia bat bazela jakin genuen, gu bezala periferiako gazteez osatua gure auzoez hitz egiteko modu interesgarrian. Zuen lana zabaltzen al da komunitateetan? R. Balago: Hasieran periferiaz hitz egiten genuen erdiguneko jendearentzat, baina gure arteko eztabaida askoren ostean, hori aldatzen hasi ginen. Komunitateentzat idazten hasi ginen eta gure proiektua ezagutarazten. Expo Mural deitu genuen ekimena abian jarri genuen. Herritar askok ez duenez Interneteko konexiorik, hasi ginen auzoetan deialdiak egiten, webgunean jorratutako materiala inprimatuta eraman eta kaleko paretetan itsasten jendeak irakur zezan. Orain gutxi, Facebooken taldeak egiten hasi gara auzoka, jendea bildu eta materiala zabaltzeko, errazago komunikatzeko moduak lortuz. Nola dago Brasil gaur egun kazetaritza egiteko? J.P. Brito: Oso gaizki. Faktore batzuek zailtzen dute kazetariaren lana. Datuak ez dauzkat, baina Brasil munduko herrialderik arriskutsuenetakoa da kazetarientzat. Sao Paulo, Rio de Janeiro edo Brasilian egiten den kazetaritza seguruagoa izan daiteke. Kazetaritza urbanoagoa nolabait esatearren, medio handien egoitzetan, batzuek segurtasuna dute lana egiteko. Baina beste leku batzuetan, herrialdearen iparraldean, ipar-ekialdean eta hegoaldean, edo gu lanean aritzen garen lekuetan adibidez, kazetariak oso pertsona sinpleak dira, formazioa dutenak, baina beste gauzetan ere lan egin behar dutenak. Polizia oso biolentoa da eta kazetariak mehatxatzen ditu. Manifestazioak jorratzean begia galdu duten kideak badaude, beren familiak mehatxatu izan dituztenak, edota Brasildik ihes egin behar izan dutenak ere, hilko zituztelako. Kasu konkretu bat aipatzearren, Brasilgo Ikerketa Kazetarien Elkarteak iaz hil zituzten kazetariei buruzko filma egin zuen. Bertan jorratzen da irratian lan egiten zuen kazetari baten kasua, politikari lokal baten ustelkeria salatu zuen goiz batean eta arratsaldean tiro bat jota hil zuten. Izugarria da eta gertatu egiten da. Zein dira kazetaritza zailtzen duten beste faktoreak? J.P. Brito: Beste bat zentsura judiziala da. Politikariren baten ustelkeria salatzen den aldiro, politikari horrek prozesu bat abiatzen du zure aurka. Dirua, lana, indarra... galtzen ditu kazetariak. Eztabaida handia sortzen ari da gizartean gai honekin. Eta hirugarren faktorea prekarietatea da. Erredakzio handietan ere oso lan prekarizatua dute. Kazetari askok ez du erregistro formal edo oporrik, soldata baxuak dira, eta lan gutxi dagoenez hori onartu behar izaten du jendeak. Arazoak izan al dituzue boterearekin? J.P. Brito: Biolentzia eta krimenen gaiak ez ditugu jorratzen normalean. Mural kazetarien kolektiboa garrantzitsua da lehen aipatu dugun ikuspegitik periferien jarraipena egiteko. Badaude beste hedabide batzuk zehazki beste tematika batzuen jarraipena egiten dutenak. Adibidez, Brasilen Ponte izeneko hedabide oso borrokalari eta indartsua daukagu , eskarmentu handiko kazetariekin, jarraitzeko segurtasun publikoaren eta giza eskubideen urraketak. Guk batzuetan, gai horiekin lotutako informazioak eskuratzen ditugunean, nahiago izaten dugu haiei eman, hobeto egingo dutelako. Brasil oso une interesgarrian dago hedabide berriak sortzen ari baitira, Agência Pública daukagu ikerketa kazetaritza egiten, bada beste hedabide berri bat epe luzeko kazetaritza esplikatiboa egiten duena, azken ordukoarekin kezkatuta ibili gabe. Mural ekosistema horren parte da. Joao Paulo Brito: "Brasil munduko herrialderik arriskutsuenetakoa da kazetarientzat. Polizia oso biolentoa da eta kazetariak mehatxatzen ditu" Nola finantzatzen zarete? R. Balago: Agentzia gara eta gure edukiak beste hedabideetan publikatzeagatik kobratu egiten dugu, Folha de S. Paulo egunkarian adibidez. Orain egitura finkoa sortzeko finantzazio bila gabiltza, nazioarteko programen bidez. Internet bidezko diru-bilketa kanpaina ere egin genuen hasieran. Finantzazioa dibertsifikatzen saiatzen ari gara, baina oraindik lan asko daukagu egiteko. Ingelesez ere informatzen duzue. Zergatik? J.P. Brito: Global Voicesekin elkarlanean ari gara. Bertan argitaratzen dituzte gure testu batzuk eta beste hizkuntzetara itzultzen dituzte. Garrantzitsua da ingelesez ere informatzea, bestela errealitate hau ez baita nazioartean existitzen. Amaitzeko, aukera dezakezue Mural en argitaratu duzuen istorio bana? R. Balago: Orain urtebete geltokiz geltoki joan ginen, erregela batekin, trenetik nasara geratzen den tartea neurtzen. 91 geltoki orotara eta batzuetan 40 zentimetroraino heltzen zen zuloa. Konturatu ginen istripu asko gertatzen zirela jendea zulo horietara erorita, egunean hiru. Horretaz idatzi genuen erreportaje berezi bat datu guztiak mahai gainean jarriz. Tren agentziak ere ez zituen datu hauek, kolpe bikaina izan zen. Gero telebista joan zen eta gai beraz erreportajeak egin zituzten, eta gobernua hasi zen goma batzuk gehitzen zuloa konpontzeko. Kasualitatea, soilik erdiguneko geltokietan egin zituzten konponketak. J.P. Brito: Polita iruditu zitzaidan favela bateko eraikin bati buruz egin genuen istorioa. Zazpi pisu zituen, baina lehenik bat egin zuten, denbora batera gero beste solairu bat gainean, gero beste bat, gero beste bat eta horrela zazpi solairura heldu arte. Dena inprobisatuta. Galdera zen: nola da posible etxe hau zutik egotea? Eta etxeak eraikitzen dituzten jendearekin joan ginen, langileekin, eta gakoak erakutsi zizkien egileak. Ona izan zen.
news
argia-6460cd295d35
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/berri-faltsuen-legea.html
Berri faltsuen legea
Bea Salaberri
2018-04-01 00:00:00
Berri faltsuen legea Teknologia berriek mundua itxuraldatu dute. Orain dela kasik hogei urte liluraturik geunden eskura genituen informazio iturriak ikusiz, zenbat ikasten ahal genuen bat-batean, zein indar gutxirekin ikasgaien eskuratzeko eta zenbat informazio iturri independente eta anitzetarako heldulekua genuen. Orain jada bahea jartzen ez dakienari, on eta txarraren bereizten ez dakienari, itolarri sentsazioak gaina har diezaioke. Kezkatuko gara agian belaunaldi gazteen etorkizunaz, zeinen ezaugarrietarik bat baita sineskorra izatea; bizkitartean egiteko molde egokien ikasteko eta barneratzeko ere gai dira. Hori frogatu zuen duela zenbait aste irakasle batek. Sarean partekatu zuen ikastaldean burutu programaren berri, aipatuz xeheki erabili teknika, materiala, hauek denen eskura jarriz eta azpimarratuz belaunaldi gazteek, laster batean, ikuspegi eta jokamolde kritikoa gara dezaketela datu uholdeari buru egiteko. Tarte luzea eskaini zion fakenews (berri faltsuak) delakoak atzemateari, oinarrizko printzipioen bitartez: argazkien, datuen edo artikuluen publikatze data zaintzea, iturria identifikatzea, beste iturri batzuekin kontrastatzea eta batez ere pazientzia ukaitea gertakarien konfirmazioa goaitatzeko. Hots, irakatsi die erranak oro ez sinesten. Heziketaren hautua egiten dute batzuek eta besteek beste hautu mota batzuk. Ondoko asteetan Emmanuel Macronek bultzaturik eztabaidara doa legebiltzarrera Berri faltsuen legea deitua. Memoria ona dugunez, ontsa oroitzen gara presidentzialetarako kanpainaren baitan Macronek berak –eta beste anitzek– "arazoak" ukan zituela #macronleaks gisa ezaguna denarekin besteak beste: hala nola offshore zuela dirua, amerikar agentea zela bankuen lobbyen zerbitzuko eta nik dakit eta zer gehiago. Bistan dena, konspirazioa salatu zuen, errusiarren esku sartzea eta gutarik batzuen erruduntasuna plazerekin zabaldu genuelako zurrumurrua sarean gaindi eta ostiraletako aperitifetan. Ke anitz baina surik ez? Geroztik Eliseo jauregira doazen kazetariak zorrozki hautatuak dira, menekoak ez direnak baztertuak. Tira, laster konponduko da. Frantziako Legebiltzarrean aipatuko den legeak, Alemanian berriki plantan ezarri "edukien gidatzea" baino anitzez urrunago joanez, ahalbidetuko baitu zabalduko diren informazioen kontrol zorrotza egitea –momentukoz bakarrik hauteskunde garaian, ez dezaten argitaratu eskandaluek eragin emaitzetan–. Onartuko balitz, legeak aurreikusiak ditu internet hornitzaileen eta sare sozialen derrigorrezko kooperazioak, salaketa dispositibo lasterra, atzerriko komunikabideen blokeatzea Estatua "mehatxaturik" balitz, webgune eta kontuak zerratzea. Horretarako epaile bat luke espresuki. Gure libertateen segurtatzeko, omen. Estatuari eskubideen zaintzea galdegiten zaio, orain arte hain gutxi egiten duena. Askatasunak ez du Estatuaren begiradarik behar. Askatasunak behar du heziketa.   Lehendakari ezin hunkituaren figura, kontzientzien eta libertateen kontrola, salaketa, kolaborazio behartua, ez bageneki Macronen erregimenean garela, pentsa genezake Petain-ekin gaudela oraino. Baliteke lege hau gehiengo isil baina handiarekin bozka dadin eta hortik goiti, adituen iritziz 1881eko prentsaren independentziaren legearen kontra doanak, salbuespenetik iraunkortasunera gutxi falta luke, urgentzia egoeraren antzera. Uste baino fiteago honaino hel dakiguke Vichyki ontsa bizitzea.
news
argia-bc3e8b2222e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/pentsio-duina-denon-lanak-denon-eskubidea.html
Pentsio duina: denon lanak, denon eskubidea
Igor Agirre
2018-04-01 00:00:00
Pentsio duina: denon lanak, denon eskubidea Euskal Herriko pentsionistak kalera irten dira pentsio duinak aldarrikatzera. Bosgarren urtez jarraian, Hego Euskal Herriko erretirodun eta alargunek %0,25eko igoera jasoko dute beren ordainsarietan. Gutxieneko pentsioa 1.080 euroan jartzearen beharra azpimarratu dute, pentsiodun askok –nagusiki 65 urtetik gorako emakumeek– bizi duten pobrezia egoera salatuz. 2018. urtean pentsioek izango duten igoera iragarri du Espainiako Gobernuak urtea hastearekin batera. Zehazki, erretirodunen eta alargunen ordainsariek %0,25eko igoera izatea aurreikusi du Madrilgo Gobernuak eta honek sekulako arrakala sortu du gizarteko sektore geroz eta zabalago honetan. Hala ere, haserrea eta ezinegona ez da soilik pentsionistengan piztu; gobernuaren neurriek ordainsariaren igoera eskasaz aparteko arazoak ere azaleratu dituzte eta pentsio sistema bera auzitan jartzen ari dira gizarteko eragile ugari. Abenduko datuei erreparatuz gero, 636.000 lagunek jasotzen dute pentsioa Hego Euskal Herrian. Horietatik ia %70ak kotizatutakoaren araberako ordainsaria jasotzen du; 165.000 pertsonek alargun egoteagatik dute pentsioa; eta beste 54.000k elbarritasunagatik. Denera, Hego Euskal Herriko biztanleriaren ia laurdena da pentsioduna. Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako pentsioen igoera legeak ezartzen duen gutxienekoa da, 0,25 puntukoa, eta bosgarren urtez jarraian ezarriko dute. Beraz, Hegoaldeko batez besteko pentsioa 1.134 eurokoa dela kontuan izanik, 2,83 euroko igoera izango du 2018an. KPIa (Kontsumoko Prezioen Indizea) %1,2ren bueltan dagoenez, pentsiodunek erosahalmena galduko dute 2018an, beste behin. Ipar Euskal Herrian ere erosahalmena galdu dutela salatzen ari dira pentsionistak. Gizarte Zerga Orokorra –CSG delakoa– ere igo diete eta Emmanuel Macronen gobernuak pentsio sistemari egin nahi dizkion erreformen aurrean, herritarrak kalera atera dira. 2014. urtetik daude izoztuta pentsioak Frantziako Estatuan. Espainiako Estatuko egoeraren gordintasunak baina, erretirodunen eta pentsiodunen eskubideen aldeko elkarteak batera mobilizatzea lortu du. Hiriburuetan manifestazio oso jendetsuak egin dituzte, eta orain arte itzaleko lan ikusezinak egin dituzten emakumeen egoera ere aldarrikapenen erdigunera eraman dute, eurak baitira okerren daudenak. Demokraziaren Aldeko Bizkaiko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko (AJPD) Jose Luis Ruizek jendearen artean ezinegona nabari zela dio baina ez zuen imajinatu ere egiten kalean bistaratu den mugimendua: "Nire ustez pentsiodunak beldurtuta egon dira. Krisiarekin jendeak lana galtzen zuela ikusten zuten eta askok seme-alabei lagundu behar izan die ekonomikoki. Ez genuke ahaztu behar orain 70 urte ditugunok kalera askotan irten behar izan genuela gaztetan". Horri eusten dio Duintasuna elkarteko Iñaki Elduaienek ere: "Gure belaunaldiak molde eta modu desberdinetan borrokatu du; duela 40 urte kalean ginenak gara". Gutxieneko ordainsaria, 65 urtetik gorako emakumeek Europako Gutun Sozialak gomendatzen duenari jarraiki, gutxieneko pentsioa 1.080 euroan finkatzeko aldarrikatzen ari dira pentsiodunak. Zifra horretan oinarrituz, Euskal Herriko pentsiodunen plataformak herri-ekimen legegilea aurkeztu zuen Gasteizko legebiltzarrean 2016an. Ekimenak pentsio baxuenak bestelako laguntzekin osatzea eskatzen zuen, 1.080 eurora iritsi arte, baina EAJ, PSE eta PPren aurkako bozekin proposamenak ez zuen aurrera egin. (Argazkia: Dani Blanco) AJPD elkartekoen arabera zifra horrek aldarrikapen forma hartu duen arren, beharrezkoa ikusten dute justua izango den erreferentzia bat izatea. Gipuzkoako Erretirodun eta Pentsionisten elkarteko Joxe Agustin Arrieta duintasunaz mintzo da gutxieneko pentsioa aipatzean: "Nik ez dakit kopuruak zein izan behar duen, baina pentsio minimoak hazi egin behar du; duina izan behar du jasotzen dugun horrek". Duintasuna Elkarteko Maria Luisa Lizartzak argi du mila euro baino gutxiagoko pentsioek ez dutela bermatzen bizi-kalitate egokia pentsiodunen artean: "1.000 eurotik beherako pentsioa pobrezia da, ezinbestekoa da minimo duin bat jartzea". Gaur egun, EAEn milaka pentsionistek Diru Sarrera Bermatzeko Errenta jasotzen dute beren pentsioa duintze aldera. Izan ere, Espainiako Gizarte Segurantza Ministerioaren datuek diotenez, erkidegoko pentsiodunen %25ak gutxieneko pentsioa (637,7 euro) jaso du 2017an, %28ak Nafarroan. Beren pentsioa osatzeko, DSBEa baliatu behar izaten dute askok eta horren adibide da errenta hori jasotzen dutenen multzo handiena 65 urtetik gorakoena dela: adineko 10.000 lagunek erabiltzen dute. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten 65 urtetik gorakoen artean emakumeak dira gehienak: hamarretik zortzi. Hemen ere, emakumeak dira desabantaila handiena dutenak. EAEn gutxieneko pentsioa jasotzen duten emakumeen kopurua gizonezkoen hirukoitza da, eta 2017an UGT sindikatuak eginiko ikerketa batek azaleratu zuenez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeen eta gizonezkoen pentsioen arteko batez besteko aldea ia %45koa da: gizonezkoek batez beste 1.518,85 euroko pentsioa eskuratu zuten bitartean, emakumeek 837,84 euro jaso zituzten. Ordainsari horiek, jakina, ez dute kontuan izaten ezkutuko ekonomian, etxean eta zaintzan egindako lana, eta emakume askok iraganean kotizatzeko garaian izan dituzten traba eta zailtasunen erakusgarri dira. Emakume eta gizonezkoen arteko arrakalari buruz hitz egitean, Arabako Pentsionistak Lanean taldeko Armando Aulestiartek alargunek duten egoera larria dakar gogora: "DSBEa jasotzen duten 20.000 pentsiodunen artean gehienak emakume alargunak dira, beraiek jasotzen dituzte pentsio baxuenak". Nekane Berriotxoa Duintasunako partaidea da eta kezkatuta dago emakume alargunen egoerarekin: "Alargunen egoera oso txarra da. Bikotekidearen pentsioaren %52 besterik ez zaio geratzen alargunari eta erabat etxean lan egin duenak oso pentsio baxua jasotzen du. Pobrezian geratzen dira alargun asko eta asko". Nekane Berriotxoa (Duintasuna): "Alargunen egoera oso txarra da. Bikotekidearen pentsioaren %52 besterik ez zaio geratzen alargunari eta erabat etxean lan egin duenak oso pentsio baxua jasotzen du. Pobrezian geratzen dira asko eta asko" Pentsioen gatazkak badu politikotik AJPD elkartearen ustetan, momentu honetan pentsio sistemak duen erronka handiena justua eta iraunkorra izatea da. Elkarteko Jose Luis Ruizek dio pentsioen arazoa zentzu politikoan aztertu behar dela, ez ekonomikoan: "Diotenez arazoa pentsioen funtsak jasotzen duena baino gehiago ordaintzen duela da; hori ez da arazoa, egoerari atzekoz aurrera begiratzea baizik. Lehenik eta behin, adineko pertsonek bizitza duina izateko zer behar duten finkatu beharko genuke eta ondoren, hori nola finantzatu erabaki beharko litzateke". Arazoa termino politikoetan kokatzen du Miren Etxezarreta ekonomia adituak ere. 1995era arte, pentsioen kutxa Espainiako Estatuko aurrekontuaren barruan zegoen eta hori aldatzea ere erabaki politikoa izan zen bere ustez: "Hainbat urtetan zehar irabaziak izan ziren pentsioen kutxan eta beste hainbat arlo finantzatzera ere bideratu zen horko dirua. Orain, kutxak defizita duenean, berriro ere pentsioen poltsa estatuko aurrekontuekin lotzea besterik ez da egin behar; azkenean, gastu sozial bat da pentsioena". Izan ere, inbertsio sozial guztiak zergen bidez finantzatzen dira Espainiako Estatuan, pentsioen kasuan izan ezik. Horren aurrean, PSOEk bi zerga berri sortzeko proposamena luzatu du urtarrilean. Sozialistek bankuei eta finantza transakzioei eragingo lioketen bi zerga sortzeko ideia proposatu dute pentsioak finantzatzeko asmoz. Miren Etxezarretaren aburuz pentsio sistemak ez du zerga berri baten beharrik, nahikoa izango litzateke dirua beste era batera banatzea: "Langile aktiboen ekarpenarekin bakarrik finantzatzen dira pentsioak. Horrek esan nahi du Estatuko gainerako aberastasunek, kapitalaren irabaziek bereziki, ez dutela ezer laguntzen adinekoen mantenuan. Pentsioak ordaintzeko falta dena zergetatik jasotzen denarekin ez berdintzea erabaki politikoa da". Aintzat hartzekoa ere bada Espainiako Estatuan 3.751 eurokoa dela kotizatu daitekeen gehieneko soldata; hori baino gehiago irabazten duenak zifra horretaraino bakarrik kotizatzen du gaur egungo sisteman. 1.080 euroko gutxieneko ordainsaria Europako Gutun Sozialak gomendatzen duenari jarraituz kalkulatu dute pentsionistek. EAEn 71.724 sinadura lortu dituzte berme langa hori jartzeko eta Nafarroan 7.306; bateko zein besteko parlamentuetan herri ekimen legegileak aurkeztu dituzte, baina atzera bota dituzte. (Argazkia: Dani Blanco) Eta pentsioak Euskal Herrian kudeatuko bagenitu? Euskal Herritik pentsio sistema propioaren aldeko aldarrikapenak geroz eta oihartzun handiagoa du pentsiodunen artean. "Hau baldin bada gobernu zentralaren lan egiteko modua, Nafarroak bere pentsioak kudeatu nahi ditu", esan du Uxue Barkos foru erkidegoko presidenteak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere eztabaida piztu da. 1979ko Gernikako Estatutuak biltzen du Gizarte Segurantzaren eskumena baina ia 40 urteren ondoren, Eusko Jaurlaritzari transferitu gabe dago ahalmen hori. Lakuak behin eta berriz adierazi du EAEko estatutua osorik betetzeak duen garrantzia eta Gizarte Segurantzaren transferentziarena lehentasunen artean dute. Alta, Jaurlaritzaren asmoa ez da pentsio sistema propioa garatzea eskumen hori lortutakoan. PSEko Maria Jesús San José Lan sailburuak pentsioen kutxa bateratua zatitzeko asmorik ez dutela adierazi izan du orain arte. Iñigo Urkulluren gobernuaren asmoa eskuduntza hori lortu eta Espainiako sistema "indartzea" da.       Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuren ustez Gernikako Estatutuak baldin badio Gizarte Segurantza Gasteizko gobernuaren konpetentzia dela, eskumen horren transferentzia bete egin behar da. Bere esanetan, Jaurlaritzak pentsioak bildu eta ordaintzeko ahalmena balu, gainerako gizarte politiketako baliabideekin koordinatzea erraztuko luke. "Gizarte Segurantza guk kudeatzeak gauzak hobeto egitea ekarriko luke", Azpiazuren arabera.    Jose Luis Ruiz (Bizkaiko AJPD): "Diotenez, arazoa da pentsioen funtsak jasotzen duena baino gehiago ordaintzen duela; hori ez da arazoa, egoerari atzekoz aurrera begiratzea baizik. Lehenik eta behin, adinekoek bizitza duina izateko zer behar duten finkatu beharko genuke" Ildo beretik dihardu Gipuzkoako Pentsionisten elkarteko Joxe Agustin Arrietak. Gizarte Segurantza Eusko Jaurlaritzak kudeatzearen garrantzian egiten du azpimarra eta orain arte EAEko gobernuak izan dituen hainbat eskuduntzaren kudeaketarekin konparatzen du: "Azken 35 urte hauetan, Jaurlaritzak izan dituen eskumenak ondo kudeatu ditu nire ustez eta horrek onurak ekarri dizkio gure gizarteko ongizateari. Madrilek beharrean, gure zergen bidez jasotako dirua guk kudeatzea garrantzitsua da". Oraindik harago, ez dira gutxi pentsioen erabateko kontrola edukitzearen alde dauden eragile politiko eta sozialak. Duintasuna elkarteak, esaterako, euskal pentsio sistema propioa sortzea aldarrikatzen du. Hego Euskal Herriko pentsio sistema kudeatzerakoan, Espainiako Estatuarekin parez pareko harremana izatea jotzen du helburutzat Iñaki Elduaienek: "Gernikako Estatutuak ez du bermatzen pentsio funts propioa izateko aukera. Interesgarria izan daiteke estatutuari aitortzen zaion eskuduntza lortzea, baina Eusko Jaurlaritzaren azken helburua izan beharko luke erabateko eskumena izatea". Izan ere, askorentzat kotizazioen eta pentsioen kaxaren kontrolak Estatuaren menpe jarraituz gero, Gizarte Segurantza "leihatila hutsa" baizik ez litzateke izango –ELA sindikatuaren hitzak erabiliz–. Ekonomisten Euskal Kolegioak 2017an egindako inkesta baten arabera, euskal ekonomialari gehienek uste dute pentsio sistema propioa egitea "bideragarria" dela. Aitzitik, sindikatuek soldata arrakalaren amaierarekin eta kalitatezko enpleguarekin lotu dute pentsio duinak eskainiko lituzkeen balizko sistema hori; eta halakorik ez den bitartean, behinik behin gutxieneko pentsioak konpentsatzeko funts bat sortzea proposatu dio Eusko Jaurlaritzari LABek. AJPDk, aldiz, ez du EAEn Espainiako Estatutik independente izango den Gizarte Segurantzaren alde egiten; hala ere, estatutuak ahalbidetzen duen kudeaketa ekonomikoa transferitu behar dela uste dute. Jose Luis Ruizen arabera, "jende gehiagoren ekarpena" jasotzen duten sistemen alde daude: "Orduan eta jende gehiagok parte hartu, sendoagoak dira gisa honetako banaketa sistemak. Nahiko genuke Europa mailako sistema bat egotea, horrek gorabehera demografikoei aurre hobe egiteko aukera ekarriko bailuke". (Argazkia: Dani Blanco) Sistemaren izaera ere auzitan Madrilgo gobernuaren diskurtsoak arlo ekonomikoan kokatzen du pentsioen gatazka. Mariano Rajoyk Espainiako Estatuan pentsio publikoak bermatuta daudela baieztatzen duen bitartean, pentsio plan pribatuak sustatzearen aldeko jarrera azaldu du egoera aztertzerakoan. Duintasuna elkarteko Maria Luisa Lizartzak ez du bideragarri ikusten pentsio plan pribatuen aldeko apustua, langileek dituzten soldatek horretarako aukerarik ematen ez dutela argudiatzen du: "Justu-justu bizitzeko adinako soldata dutenek nola bideratuko dute beren hileroko soldataren zati bat pentsio plan batera? Hori bankuek nahi dutena da, beren negozioa da". AJPDko Jose Luis Ruizek pentsio pribatuek izan beharreko izaeraren inguruan egiten du gogoeta: "Jendeak jaso beharrekoak publikoa izan beharko luke, duina. Gobernuak nahi duenaren kontra, pentsio pribatuek ia-ia produktu marjinala izan beharko lukete gure artean". Estatuak dituen bestelako kostuetatik pentsioak bereiztearen arrazoia finantza entitateek plan pribatuetan dituzten interesak dira Miren Etxezarreta ekonomialariaren ustez. Espainiako Estatuan urtean 110.000 milioi euro inguru ordaintzen dira pentsioetan eta finantza entitateek diru hori erabili nahi dutela susmatzen du ekonomialariak. Hala ere, pentsioak pribatizatzearen aldeko korronte hau Espainiaz gaindiko estrategia batean kokatzen du: "Finantza krisia iritsi baino lehenago, 1994tik, pentsio publikoek apalagoak izan eta ahal duenak plan pribatuak  egin behar dituela dioten dokumentuak osatzen ari da Munduko Bankua". Orain arteko eredua eraldatuko duen pentsio sistema aldarrikatzeko kaleak betetzen jarraituko dutela agindu dute pentsiodunen plataformek. Argi dute zein den aurrean duten borrokaren helburua: publikoa, duina eta justua izango den pentsio sistema berria.
news
argia-0a30250392a4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/xare-alvarez-berakoetxea.html
Materia eta forma
Xabier Gantzarain
2018-04-01 00:00:00
Materia eta forma Batzuetan erreferentzia garbia da, eta materiak harritzen zaitu: indioilarraren bi luma, metalizatuak, marmorezko euskarri batean sartuak. 2017ko Antton Abbadia saria jaso zuenean Ibon Sarasolari eman zioten oroigarria berak egin zuen. Beste batzuetan ez dago erreferentzia argirik, materia baino ez duzu begien aurrean, materia eta forma, eta orduan hagitzez ederragoa da, enigmatikoa. Gaztea da Xare Alvarez Berakoetxea (Donostia, 1990eko ekainaren 25a). Pauso sendoz hasi du bidea: Parisen erakutsi du, Bilbon, leku askotan; bekak jaso ditu, sariak han eta hemen. Ohorezko aipamena jaso zuen 2016an Gipuzkoako Artista Berrien programan, hemen ikus dezakezun lan honekin: 15/32 . Ikuslea iristen da lanaren aurrera eta galdera sortzen zaio: zer da hau? Harria dirudi, astuna ematen du, altzairuzko beso sendo batek dauka paretari lotuta, besoa bera ere piezaren parte bihurtzeraino. Aztarna bat ematen du, auskalo nondik iritsitako harri bat, fosil bat, aztarna bat inolaz ere. Zeren aztarna ote da hau? Enigma martxan da. Gero izenburua daukazu, 15/32 , signatura bat, kode bat akaso? Azalpenak enigma ederrago bilakatzen du. Izenburua lanari buruz ari da, beti bezala, baina ez dio lanari testuinguru bat eman nahi, lanaz kanpo dagoen erreferentzia bat, ikusleak beste zerbaitekin lotzeko pista bat, askotan gertatu ohi denaren kontrara. Aldiz, lanaren muinari dagokio, prozesuari buruz ari da, materiari buruz: 15 litro ur, 32 kilo zementu. Horixe da dena. Eta ikuslea badoa erakusketatik, eta arte lana materiaren aztarna dela ohartzen da, arteak beharbada gauzen materialtasuna bera ekartzen digula muturren aurrera, gehienetan gure begiek ikusi ere egiten ez dituzten gauzak, beste denbora bat. Beste denbora bat, aztarnarik ezaren aztarnak ikusteko.
news
argia-4ebf953908be
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/urkulluk-eta-barkosek-ezin-dute-beste-aldera-begiratu.html
Urkulluk eta Barkosek ezin dute beste aldera begiratu
Juan Mari Arregi
2018-04-01 00:00:00
Urkulluk eta Barkosek ezin dute beste aldera begiratu Euskal pentsionisten etengabeko mobilizazio masiboek ezin dituzte Hego Euskal Herriko arduradun politikoak axolagabe utzi, Uxue Barkos eta Iñigo Urkullutik hasita. Ezin dute Madrilera begiratu eta ezikusiarena egin, arazoa beraiena ez balitz bezala. Urkulluk eta Barkosek erantzukizun handia dute, euren eskumenekin milaka euskal pentsiodunen ordainsari miserableak hobetu ditzaketelako. Badakite Madrilek, Mariano Rajoy buru, ez dituela pentsionisten eskakizunak aseko. Alargunen gutxieneko pentsioak baino ez ditu ukituko, jasotzen duten kopuru eskasa apur bat igoko du besterik gabe. Bi lehendakariek badakite euren lurraldeetako 200.000 biztanleek 300 euroko alarguntza pentsio negargarriak edo 700 euroko pobreziaren langatik azpikoak kobratzen dituztela. Europako Gutun Sozialak 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezartzen ditu. Urkulluk agintzen duen erkidegoaren kasuan diputazioek 1.200 milioi euro gehiago bildu dute aurten. Eta Barkosenaren kasuan diru-bilketa ona izan da baita ere. Testuinguru horretan, zergatik ezin da onartu euskal erakundeek Estatuko miseriazko pentsioak osatzea, kontuan izanik europar gutunak hori eskatzen duela? Urkulluk eta Barkosek ondo dakiten bezala, gutxieneko pentsioak DSBE eta antzeko laguntza bidez osatzen segitzea erabat urria da: 1.080 eurotik oso urrun, pentsioak hutsalak dira hala ere. Pentsioak duintzea lehentasun kontua da, aberastasuna banatzeko orduan jartzen dena. Oinarrizkoa da kalean dauden pentsionisten aldarrikapenak entzutea, denak oso arrazoizkoak eta onargarriak baitira. Borondate politikoa besterik ez da behar.
news
argia-77232bc29a48
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/newtonen-lehen-hitzak-parlamentuan.html
Newtonen lehen hitzak parlamentuan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-04-01 00:00:00
Newtonen lehen hitzak parlamentuan 1689an Isaac Newton Erresuma Batuko Lorden Ganberako kide izendatu zuten,  Jakue II.a erregea tronutik kendu eta berehala. Newtonen lorpen zientifikoek zerikusia izan zuten horretan, baina errege ohiaren aurka Cambridgeko unibertsitatea defendatzen egindako ahalegina erabakigarria izan zen izendapenean. Luzaroan, ordea, zientzialaria eserlekuan isilik egon zen, egun batez altxa eta hitza eskatu zuen arte.   Eta denek jenioaren hitzaldi gogoangarria espero zutenean, zera bota zuen: "Eskuineko leiho hori ixteko erregutzen dizuet, haize-laster izugarria sartzen baita". Handik aurrera ere ekarpen gutxi  egingo zuen goi ganberan –eta asko laborategian–.
news
argia-74af9d9f9902
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/gure-gurea.html
Gure-gurea
Aritz Galarraga
2018-04-01 00:00:00
Gure-gurea Belen Gopegui ez da euskalduna, ez euskal herritarra, nahiz Araba aldean baden abizen bereko herrixka bat (273 biztanle, azken kontaketaren arabera). Hori izan zen aspaldi xamar euskarazko medio batean egin zioten elkarrizketa bateko lehen galde-erantzuna (biztanleen datua nik gehitu dut, interesatuko zaizuelakoan). Ez dakit zaputz izpirik sentitu ote nuen informazioa jakitean, jarraian irakurri nituen galde-erantzunak interesgarri askoak iruditu baitzitzaizkidan, eta ordura arte nekez irakurritakoak. Geroztik, saiatu izan naiz Gopeguiren gauzak harrapatzen, ez bakarrik elkarrizketak, libururen bat ere bai ( La conquista del aire dut bereziki gogoan, akaso lehena izan zelako). Hartara, apirileko urik eza bezain eskergarria egin zitzaidan Tiroa kontzertuaren erdian liburuaren argitaratzea, 2011n. Berez hitzaldi bat da, 2006an Kaliforniako unibertsitate batean emandakoa, publikoaren galderak eta horiek jasotako erantzunak biltzen dituena. Azpitituluak argitzen digu edukia: Eleberrietan politikaz aritzeari buruz. Bere laburrean luzea da ematen du jokoa. Gopeguik dio: "Kontzertuaren erdian pistola-tiroak nola, halako eragina du literatura-eleberrietan politikari buruz aritzeak". Alegia, "kontzertuan pistola-tiroa entzutearen modukoa izango litzateke sistema berria ezarri nahian dabiltzan norbanakoei buruz idaztea, horiek totalitariotzat, gaixotzat, inozotzat, eta abartzat hartu gabe". Eta ez dugu testua gehiegi biluziko, baina bai aurreratuko, hitzaurrean esaten den bezala, "literatura eta iraultza binomioaren harreman gatazkatsua" aztertzen duela, "eleberrietan politikaz jarduteko dagoen debeku eta auto-debekuaren jatorria bilatuz eta aurkituz". Kontxo, behingoagatik, ez bakarrik galderak, erantzunak ere ematen ditu norbaitek, besterik ez bada eztabaidarako. Aparteko aipamena merezi du, hain zuzen, Eider Rodriguezek idatzi hitzaurreak, bere laburrean honek ere jokoa ematen baitu. Gopeguik aletzen dituen ideiak euskal literaturaren eremura ekartzen dira, izen-abizenekin ekarri ere, adibidez, elkar uler dezagun: "Xabier Leteren Heriotza utopi izendatu dutenei poema Joseba Sarrionandiaren Literatura eta iraultza poema baino apolitikoagoa al da?". Eta Belen Gopegui ez da euskalduna, ez euskal herritarra, baina, liburu honetan egin bezala, ezin ukatuko diogu gure-gurea ere baden problematika batez hain argiki idatzi izana.
news
argia-b0511ab2d724
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/usainez-usain.html
Usainez usain
unknown
2018-04-01 00:00:00
Usainez usain Udaberriak ekarri dit gaia sudurraren aurrera. New Yorkeko ikerketa gune desberdinetan lan egiten zuten C. Bushdid, M. O. Magnasco, L.B. Vosshall eta A. Keller zientzialariek 2014ko martxoan "Science Magazine" sonatuan argitaratu zuten artikulu batek zalaparta polita sortu zuen. Izenburuak dena dio: "Pertsonok bilioi bat usain baino gehiago bereizteko gai gara". Zehazki, usaina esan beharrean, "Olfactory stimuli" diote ingelesez, hau da: usaimen eragingarriak. Ez zuen asko uste jendeak bere sudurraren ahalmena hainbesterainokoa zenik... G. Ohloffek 1994an esan zuen Scent and Fragrances: The Fascination of Odors and Their Chemical Perspectives liburuan: arrosaren ( Rosa spp ) usain ezaugarria 275 osagairen nahasketak sortzen du, baina osagai horietako gutxi batzuk besterik ez dugu usaintzen. Marrubiaren ( Fragaria vesca ) usainak 350 bat osagai omen ditu...  Zenbait usainek txoratu egiten gaituela esan ohi da, baina usainei etekin ederra ateratzen dienik ere bada. Kate McLean Diseinu Grafiko programaren zuzendaria da Ingalaterrako Kenteko Canterbury Christ Church Universityn. Artista ezaguna bihurtu da mundu guztiko hiri ugaritako usainen mapak egin dituelako. Edinburgoko usain nagusiak dira, garagardo, soropil, itsaso, patata frijitu denda eta loretan dauden gereziondoena ( Prunus spp ). Singapurgoak frangipani loreena ( Plumaria spp ) eta jasmina edo urkitza ( Jasminun ifficinale ). Taillinen egurrarena eta ardo beroarena. Kieben pinua eta poztasunaren usainak hartu zituen. Amsterdamen intzentsua ( Boswellia sacra ) eta jatenak. Iruñeko usainen mapa ere egina du, 2014ko Mapamundistas egitasmoan. Zitadelara joan omen zen, irrikaz, belarra, zuhaitzak eta mendiko airea usaintzera. Deskuiduan mendi aldera joan izan balitz, zer-nolako mapa egingo ote zuen?
news
argia-181bfe44ddab
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/rukula.html
"Bakoitza libre da gurekin nahi duena sentitzeko"
Kepa Matxain
2018-04-01 00:00:00
"Bakoitza libre da gurekin nahi duena sentitzeko" Gero eta gutxiago dira Rukularen zuzeneko indartsuaren parte izan ez direnak. Asteburuko kontzertu agendan beren izena ikusiko duzu ziur asko. Laster argitaratuko dute bigarren diskoa ere. Kaosetik ordenara eta ordenatik kaosera bizi dira, eta tentsio horretatik sortzen dituzte kantak ere. Taldeak bizi duen une indartsua aitzakia hartuta mintzatu gara laukoteko hirurekin. Andoaingo Itsas Mendi Karabanen ondoko errotondan zitatu gara, aurtengo neguko egunik hotzenean, eguzki betetan ere apenas bi gradu direla. Goiza Garate estudioetan pasa nahi genuen, elkarrizketa egiteaz gain, Rukularen entsegua bertatik bertara bizitzeko. Jon Agiriano taldeko gitarrak ezin izan du azaldu, ordea, "Irudia eta soinua" ziklo amaierako lanean buru belarri baitabil, Andoainen bertan. B plana inprobisatu dugu, hortaz: herri sarreran aparkatu, eta parean suertatu den Edur tabernan babestu gara ordu eta erdi inguruz. Hurrena entseatzeko gelditzen direnean, bertaratuko da argazkilaria unea jasotzera. Grabagailuan taldekideen ahotsak bezainbeste aditzen dira bertatik bertara daukagun telebistako Ana Rosaren magazineko builak eta Pott zakurraren arnas hotsak. "Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bideoklip bat grabatzen izan berri da", azaldu du Oihan Agirretxe bateriak. Harez gain, mahai bueltan dira Martxel Arkarazo baxularia eta Aitor Pagola gitarrista. Martxel Arkarazo: "Apustu oso erritmikoa da gurea. Gainera, letrarik ez edukita, askozaz ere libreago uzten duzu dena" Rukularen hastapenez galdetuta, ez dira ados jarri. "Lehen entsegutik izango dira pare bat urte honezkero", dio batek. "Pare bat? Lau gertuago izango ditiagu", beste batek. Hazia noiz sortu zen bai, hori ongi oroitzen dute Arkarazok eta Agirretxek. Usurbilgo Sagardo Egun batez, Agirretxe bere orduko berbena taldearekin bateria jotzen ari zela, Arkarazo inguruan suertatu zen. Agirretxeri erreparatu, eta intuizio batek hartu zuen. "Oso zuzen ari zela iruditu zitzaidan, tu-pa-tu-pa, une hartan pentsatu nuen primeran egingo zuela bat nirekin, asko eman zezakeela". Beroaldiak jota, akziora pasatzea erabaki zuen. Bateriaren goiko talaiatik, entzule bat beragana zetorrela ikusi zuen Agirretxek, eskuan paper bat hartuta. Ohartzerako, paper zatia baterian itsasi eta martxa egin zuen. Kanta amaitzean irakurri ahal izan zuen oharra: "Berbenaz aspertzean, deituidazu". "Ez dakizu zenbat kostatzen zaion mozkor bati parrandan papera, boligrafoa eta zeloa topatzea", esan izan dio gerora txantxetan Arkarazok Agirretxeri. Kontua da Sagardo Eguneko buruko minak arindu bezain pronto deitu ziola, hasi zirela elkartzen, eta hura izan zela egun Rukula bihurtu denaren hazia. "Ez nion deitu berbenaz aspertuta nengoelako", argitu du Agirretxek, "neure kanta propioak sortzeko gogoa ere baneukalako baizik". Handik puska batera batu ziren Aitor Pagola eta Beñat Irazusta, ordura arte Desegin taldean ibiliak. Azkenik, Irazustak denboraldi batez bidaiatzea erabaki zuenez, Blaka taldeko Jon Agirianok ordezkatu zuen. Garate estudioetan grabatu zuten lehen disko homonimoa, eta egin zuten bira bat Madrilen, Segovian, Logroñon, Mostolesen, Durangon eta Tosun zehar. Gehienetan, Arkarazok eramaten zuen kanten lehen ideia. Garbi zeukan Rukularekin zer bilatzen zuen: "Rock kontzertu pila batean ikusten nuen jendea burua gora eta behera mugitzen, bere tokitik mugitu gabe. Bateriaren eta baxuaren indarra erabili nahi nuen jendea gurekin batera mugi zedin, gorputzari beste poz bat eman nahi nion". Argazkiak: Dani Blanco. Musika estiloak txikitu, baina era berean dena oso erritmikoa izan zedila. Instrumentu bakoitzarekin espero dena egin beharrean, dena nahastea, baxuak ez zezala eman baxua, gitarrak ez zezala eman gitarra, baizik eta synth moduko zerbait. Eta beti kutsu dantzagarri bat bilatzea, baina estilo batera mugatu gabe". Agirretxek baieztatu du teoria: "Martxelek esaten zidan: bateria jotzean dantzatzen ari al haiz? Eta erantzuna ezezkoa bazen: orduan ez dik balio". Hiruei iruditzen zaie taldekide guztiak oso desberdinak direla beren artean, eta hain justu tentsio horrek orekatzen duela taldea. Arkarazok azaldu du: "Aitor da ordena, oso garbi ditu gauzak, eta horrek asko ematen dio taldeari. Ni, ordea, kaosa naiz. Hasieran asko eztabaidatzen genuen. Hori ezin da egin, esaten zidan Aitorrek sarri, eta nik, nola ezingo da ba egin?", erantzuten nion. Beñatek ematen zion punk kutsu agresibo hori, eta orain, Jonek ekarri ditu rock akordeak, pedal soinuak eta abar". Gidoi itxien aurka Kontzertuetan gertatzen dena aurreikusgarri samarra delako sentsazioa izaten du batek sarri. Aretoan sartu, tragoren bat eskatu, musikariei begiratu pantaila bati nola, lepoarekin gora eta behera egin, txalo jo, oihuren bat bota, beste bat eskatu, eta etxera. Rukulak ordea, asmatu du artistaren eta publikoaren arteko hormigoi armatuzko horma pitzatzen, ez direlako gidoi itxiarekin joaten zuzenekoetara. "Zati batzuetan inprobisatu egiten dugu", dio Arkarazok. "Batzuetan nik agintzen dut, beste batzuetan Oihanek erabaki dezake une bat minutu batez luzatzea, gustura dagoelako. Era horretara, zuzeneko bakoitza bihurtzen da desberdina, inoiz ez dugulako berdin jotzen". Ez hori bakarrik. Rukulakoek baldintza bat eskatzen dute ahal duten guztietan: lurrean jotzea, publikoarekin parez pare. Hartara, jendea sartzen zaie beraien artean, musikariaren eta entzulearen rolak apurtzen dira. Nahaspila horretan, kontzertua festa bilakatzen da, eta festako kide bakoitzak erabakitzen du agente aktibo ala pasibo izan nahi duen. Pagolak oroitu ditu une bitxi samarrak: "Behin, kontzertu batean, publikoak amaitu zuen bateriaren eta gure (gitarren eta baxuaren) artean, eta guk, berriz, atze-atzean, publikoa bagina bezala". Edonon jotzeko prestatuta daukate ekipoa. Nonbait entxufe bat egotea aski da Rukulakoek bertan jo ahal izateko. "Iritsi, bozgorailuak entxufatu, eta badakigu ondo entzungo dela, guztia baitago bateriaren soinuarekin ondo erregulatuta", azaldu du Agirretxek. Oroitu du horrekin lotutako pasadizo bat: "Iazko Lasarte-Oriako festetan, Efecto Pasillok jotzen zuen txosna handian, eta guk haien ondoren, plazako arkupe batean. Baina haien kontzertua luzatu egin zen, eta segidan berbena talde batek hasi behar zuen. Berbenakoak hasi egin ziren, eta gu gelditu ginen non jo ez genekiela. Emanaldia bertan behera uztear ginen, inguruan beste arkupe bat ikusi genuenean. Oholtzatik kable bat atera, eta hantxe bertan jo genuen". Aitor Pagola: "Gertatu izan zaigu kanta bat jotzen bi hilabete pasa eta halako batean ohartzea ez duela balio" Talde instrumentala da Rukula, eta ahotsik ez izateak ere laguntzen die noranahiko formatu horretara egokitzen. "Ahotsa arazo bat da edonon jo nahi baduzu, ze derrigortzen zaitu monitore bat edukitzera", azaldu du Arkarazok. "Era horretara nekez jo dezakezu lurrean". Dena dela, hastapenetan izan zuten ahots bat sartzeko asmoa. "Nire bozka ahots baten aldekoa zen", dio Pagolak. "Ez genekien, ordea, zer ahots mota nahi genuen. Ez genion edonori proposatu nahi". Arkarazok abantaila asko ikusten dizkio ahotsik ez izateari. "Ahotsaren zatia beste errekurtso batzuen bidez estali dugu: batzuetan gitarrak egiten du melodia, besteetan baxuak, zati erritmiko hutsak ere sartzen ditugu, garrasi batzuk tarteka ere bai... Apustu oso erritmikoa da gurea. Gainera, letrarik ez edukita, askozaz ere libreago uzten duzu dena. Bakoitza libre da gurekin nahi duena sentitzeko". Agirretxeren arabera, ahotsik ez edukitzea aukera eta zama da aldi berean. Kantari nahi beste irakurketa egiteko aukera ematen du batetik, baina, bestetik, musikaria behartzen du zati instrumentaletan sakontzera, instrumentuen bidez bidali nahi den mezua are gehiago zehaztera. Azken urteetan sortu dira talde instrumentalak. Sofa, Buffalo edota Giranice otu zaizkie boteprontoan. Arkarazoren ustez, letrek garrantzia daukate, "sekulakoa". Aipatu duenez, Rukulak letrarik ez edukitzeak ez du esan nahi ezer transmititu nahi ez duenik. "Nik oso garbi daukat zer helarazi nahi dudan momentu bakoitzean. Askotan hitz egiten dugu sentimenduez konposatzen dugunean. Zati batean tentsioa egon daiteke, bestean amorrua... ideia horiek letrarik gabe transmititzen saiatzen gara". Eta hortik tiraka jartzen dituzte kanten izenburuak ere. Asko anekdotikoak dira, Agirretxek azaldu duenez. "Adibidez, Oilo bus tee [ahapetik kantatu du]. Martxelen etxean entseatzen genuen lehen, Usurbilgo baserri batean. Oiloak zeuzkaten han, eta kanta horrek bete-betean gogorarazten zigun oiloen ibilera". Talde nomada Zuzenekoekin hasteko ez zuten presa berezirik izan. Kanten atzean, ikusten ez den lan handia dago, Arkarazoren arabera. "Ematen du oso modu instintiboan jotzen dugula, baina mila buelta eman dizkiegu kantei". Pagola ere horretan dago: "Gertatu izan zaigu, adibidez, kanta bat jotzen bi hilabete pasa eta halako batean ohartzea ez duela balio, ez duela asmatzen esan nahi dugun hori esaten". "Halako uneak gogorrak izaten dira", gehitu du Arkarazok, "baina behin nahi duzuna lortzen duzunean, poza bikoitza izaten da". Rukulak ordu asko eskaintzen dizkio kantak osatu eta entseatzeari. "Langileak gara", dio Arkarazok, "grabaketak egin eta elkarri bidaltzen dizkiogu, eta ahal badugu asko elkartzen gara". Oihan Agirretxe: "Psikologoarenera joan ordez, gu entseatzera eta kontzertuetara joaten gara" Ez dute errutina zehatzik, ordea, sekula ez baitute entsegu lokal finkorik eduki. Arkarazoren etxetik Usurbilgo Gaztetxera joan ziren. Baina zonalde hartan etxeak eraiki behar zituztela eta, Gaztetxea itxi zuten. Garate estudioetara jo zuten segidan, baina grabaketa lanak direnetan han ezin izaten dute aritu. Oraindik toki baten bila jarraitzen dute. "Lokal pribatuak ezin ditugu ordaindu, ez dugu hilero 300 euro ordaintzeko adina", dio Agirretxek. "Agian probatuko dugu kontzertu asko ditugun hilabeteren batean lokal bat hartzea, baina bestela...". Entsegu bakoitzean ibili behar izaten dute kotxea gitarraz, baxuz eta pedalez gainezka dutela, alde batetik bestera. "Talde nomada gara", dio Agirretxek, eta ez da soilik entseguez ari. "Rukularen bizitza halakoa da. Sortzeko unean, zuzenekoetan... behin Baigorrira joan behar genuen, Nafarroaren Egunean kontzertu bat ematera. Aitor bere kasa joan zen, eta beste hiruok elkarrekin abiatu ginen, oso garaiz. Iruñetik joan ginen, lehenago iritsiko ginelakoan. Pasatu genuen Iruñea, jarraitu genuen aurrera... eta, azkenean, muturren parean ikusi genuen gure helmuga: Bodegas Baigorri . Aitorri deitu genionean, ezin zuen sinetsi. Arabako Errioxan geunden. Azkenean, buelta hartu eta lortu genuen kontzertua baino hamar minutu lehenago iristea. Jonek gurekin jotzen zuen lehen aldia zen. Flipatu egin zuen". Saiakera onaren bila Entseguetan eta zuzenekoetan gozatzen dute gehien. Diskoa grabatzen ere bai, grabaketa unea zuzeneko bat bezala ulertzen dutenez gero. "Bigarren lan honetan, denok gela berean sartu eta saiakera onaren bila aritu ginen", dio Arkarazok. "Egiten genituen akatsak, baina guretzat benetako galdera beste bat zen: kantak transmititzen al du guk nahi duguna? Baiezko kasuan, listo, ez genuen ezer ukitzen. Akatsak ere kantaren parte dira". Noski, horrela funtzionatzeak izan ohi ditu gorabeherak. Pagolak oroitu ditu grabaketa egunetako une gazi samarrak: "Lehen eguna oso ondo joan zitzaigun, baina bigarrengoan kanta batekin ez aurrera ez atzera gelditu ginen. Bazkaltzera jaitsi, berriz gora igo, sokak aldatu... baina alferrik: ez zitzaigun ateratzen. Zortzi ordu behar izan genituen kanta grabatzeko". Hirugarren egunean, ordea, txipa aldatu, jarrera positiboarekin itzuli, eta beste hiru kanta grabatu zituzten errenkadan. Diskoaren promozio kontuetan galdu egiten direla diote, ez zaiela batere interesatzen. Inguruko lagunei eskerrak moldatzen direla aitortu dute. Ariadne Aranburuk egin die azala, baita bi bideoklip ere. Edo, estudioan, diskoa grabatzen ari zirela, norbait behar izaten zuten Rec botoiari sakatzeko. "Sei bat lagun desberdin igaroko ziren botoia sakatzera", diote barrez. Estudiotik igaro ostean, zuzenekoak emateko eta kanta berriak egiteko gogoz dabiltza. Hala dio Agirretxek: "Gu ez gara psikologoarenera joaten, gu entseatzera eta kontzertuetara joaten gara. Lana eskatzen du, baina betetzen gaitu. Ipurterreak gara, ezin dugu geldirik egon, eta Rukulak laguntzen digu ezinegon hori zerbait probetxuzkora bideratzen".
news
argia-1adcc09d224a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/lolita-chavez-kitxe-herrien-kontseiluko-buru.html
"Europarrak lapurretaren espirituak janda bezala zaudete"
Miel Anjel Elustondo
2018-04-01 00:00:00
"Europarrak lapurretaren espirituak janda bezala zaudete" Guatemalatik ihesi heldu zen iragan udan gurera Lolita Chávez, kitxe herrien kontseiluko liderra. Bizia, natura, lurra, territorioa eta emakumeen duintasuna ditu irabazi beharreko borrokak. Transnazionalak eta oligarkiak, etsai, behin baino gehiagotan jarri dute ataka gaitzean Lolita Chavez. Guatemalara itzultzeko garaia duzularik, durduzaturik zaitugu, emozioak eta kirioak dantzan. Hango egoera ez baita batere erosoa herrien eta lurraren defendatzaileontzat. Oraintxe, defendatzaile-ehiza garaia duzu. Talde kriminalak inpunitate osoz ari dira batzuen eta besteen kontra. Baita kazetarien kontra ere. Ez legoke gaizki zuk haiekin bat egitea, elkartasuna adieraztea. Hasteko, bi kazetari hilak dituzte, batera, orain dela ez asko. Territorioetako berri eman ohi zuten, hau da, jatorrizko herriak gauden lurraldeak. Zaila dago han bizitzen. Iragan ekainaz gero zaitugu Guatemalatik kanpora. Azken erasoa jaso ondoren etorri nintzen. Bizia, Ama Natura, Lurra eta Territorioaren Defentsarako Kontseiluko kide naizenetik, maia kitxe herriaren ordezkari, behin baino gehiagotan eraso didate. Kontseilutik, transnazionalen kontra saiatzen gara borrokan, meategiak eta hidroelektrikoak beren esku dituzten korporazioen aurka. Oraintxe sekulako egurra jasotzen ari gara, [Espainiako enpresaburu] Florentino Pérezen ACS transnazionalaren partetik. Bozeramaile izendatu nindutenean, 2007an, hasi ziren nire kontrako erasoak. Nire kontra etorri ziren, zuzen-zuzen, transnazionalekin lotura estuak dituen jendea zen. Atentatuak eta heriotza mehatxuak, irakurri dudanez. 2012an, adibidez, ni nindoan autoa gerarazi zuten. Sikarioak ziren, soldatapeko hiltzaileak. Hil egin nahi izan ninduten, baina emakume taldea ginen, eta nola edo hala libratu nintzen. Hala ere, gurekin zihoan bat kolpatu eta hortzak atera zizkioten. Beste bat, hebain-hebain egin zuten, odoletan utzi arte. Jo eta su ari ziren, komunitatea gu erreskatatzera etorri zen arte. Egia esateko, komunitateek salbatu gaituzte erasoetatik, territorioetako jendeak. Zeinen soldatapeko dira sikarioak? Enpresaburuenak, lurjabe handienak eta oligarkiarenak, izan oligarkia kreolo tradizionala, izan azalera datorrena. Azalera datorren hau, oroz gain, militarrekin bat eginda ari da, talde paramilitarrak, narkoa eta sikarioak barne. Bestalde, hor dira beti marak, gainerakoen eskulan zikina egiteko prest, jomuga nor den batere axola ez zaiela. Guztien gainetik, ordea, enpresa transnazionalak dituzu, haiek dira buru, haien esanetara ari dira gainerako guztiak. Oligarkia, berez, transnazionalaren morroi baino ez da. Eta transnazionalak badaki oligarkiak krimen antolatua gidatzen duela. Ekonomia eta politika, eskutik doazela salatu duzu behin baino gehiagotan. Halaxe da eta. Familia oligarkak ez dira asko, zortzi dira, edo hamar. Bosch Gutiérrezen familiak, edo Alvaro Arzu Irigoienenak –euskal deiturak dituzu–, kontrolatzen dituzte lurrak. Legearen arabera, jabe dira, kontuan hartu gabe gerra garaian laborariak desjabetu zituztela, AEBetako Gobernuaren konplizitatearekin. Lehenengo, gobernu iraultzailearen kontrako estatu kolpea jo zuten oligarkiek eta, ondoko gerran, era guztietako krimen eta txikizioen artean, laborariak lekuak hustera behartu zituzten, lurrak uztera. Tarte horretan, beren izenean erregistratu zituzten lurrak. Hargatik daude jatorriko herrien lurrak familia handien eskuetan. Geurea dugu kulpa, europar zuriona. Guztiz. Korporazio patriarkal neoliberalen botere mafiosoa Europari sakon lotuta dago. Europak, hemen esango zenuketenez, "aditu" sorta bat badu, benetako adituak jatorriko herriak lapurtzen, desjabetzen, hiltzen eta suntsitzen. Jaiotzatikoa balitz bezala da, sakona. Europari ez zaio mingarri, beti egin duena baita. Odoletan daramazue. Inbasioa bultzatzen duen eredu intergenerazional bat daramazue barruan. Horixe gertatzen da, barruan daramazuela, ezin ikusia zaizuela, zeuen osagai delako, ez duzuelako zeuen izatea deskolonizatu hemen, hemen ere kolonizazioa gertatu baitzen. Zeuen barrura begira hasiko bazinete, eta ikusi nola torturatu zituzten hemen zuen arbasoak, hemengo amatxi jakintsuak, Zugarramurdin erre zituzten emakumeak… analisi kritikoa egiteko gai izango zinatekete. Zer emango luke analisi horrek? Eredu makroekonomiko jakin baten azpian hazi zarete hemen, eta horrek zuen izaera itoarazi du. Gezurrezko garapenaren ideia sartu dizuete, gezurrezko eskubideen ideia, eta ongizatea. Estatu neoliberalek "izan behar" bat ezarri dizuete, eta haraxe zoazte, buruz, "izatea" bera osatu gabe. Lapurretaren espirituak janda bezala zaudete, zuek baino gutxiago bagina bezala ikusten gaituzue. Supremazia horrek "izan behar" denaren burbuilan sartu zaituzte, eta hortxe zaudete. Inbasio espainolaz gero, zuen historia sarraskia, genozidioa, idokitzea, arpilatzea, bortizkeria ugari gorputzetan… izan omen da. Hitz asko dira… Ez dira, bakarrik, hitza, horixe bizi dugu, etengabe, belaunez belaun: nire amatxik bizi izan zuen; ama, horren kontra borrokatu zen; ni, horren kontra ari naiz borrokan, eta oraintxe, nire alaba borroka horretatik edaten ari da, ez dezaten sarraskitu, gu sarraskitzeko planak baitaude, ez da halabehar hutsa, gu sarraskitzeko plan ondo burututakoa baino. Guatemalan gertatu dena exekuzio-planak dira: sarraskia, idokitzea, arpilatzea, gure gorputzen kontrako sexu-bortxaketa sistematikoa, genozidioa… Frogatuta dago gauza planifikatua dela. Argazkia: Zaldi Ero. Guatemalaren kasua da, bakarrik, edo dira Guatemala, Ekuador, El Salvador, Honduras… Da Abya Yala [Amerika]. Hargatik ari gara internazionalismo berri batez hitz egiten, gu txikitzeko planek orain arteko internazionalismo guztiak gainditu baitituzte. Mundu mailako potentziek, oligarkiek, transnazionalek, egitura militarrek… internazionalismo guztiak gainditu dituzte, baina, modu berean, jatorriko herriek ere gainditu egiten ditugu mugak, oraindik bagarelako, erresistentzian eta borrokan. Oligarkiak alde batera, gu bestera, eta erdian zer? Europako herri ustez demokratikoen hiritarrak, ez arre ez iso egiten dutenak. Gu sarraskitu nahi gaituztenen aldera egingo balute, "ez ditugu lagun!", esango genuke, baina alde horretara jotzen ez dutenez, hitzarmenak egiteko aukera dagoela uste dugu. Hitzarmenak eginagatik ere, ordea, itunak ez dira behar bezala errotzen, ongintzan bezala ari delako hemengo jendea, elizan bezala… Zein da, bada, hitza? Karitatea? Horixe! Karitatea! Horixe da plana, karitatea, "behartsuei" laguntzea, "azpigaratuei", "hirugarren mundukoei". Ez da pentsatzen "hirugarren mundukook" honako ere baliagarri diren modelo alternatiboak ditugula. Anbiguotasun horretan josita bizi da hemen jende asko. Baditugu lagunak, herri kideak, baina tartean bada jende asko anbiguotasunaren burbuilan sartuta, nora haize hara aise egiten duena, karitatearen izenean. Ez da erraza. Kontzientzia garbitzeko balio digula esan nahi duzu? Kontzientzia garbitzeko, eskuak garbitzeko... Supremazia ekintza da beti. "Niri ez zait gertatzen zuri gertatzen ari zaizuna", pentsatzen dute, baina oker daude, jakina gertatzen zaizuena. Sumintzekoa da gazteen esplotazioa hemengo lanean, sumintzekoa da belaunaldien arteko etena, harreman eza: eskolara eramaten dituzue haurrak, txikitatik, komunitatean bizitzeko aukerarik eman gabe; zaharrak egoitzetan sartzen dituzue, ez haurrak ez adinekoak zaintzen dituzuela, lanak galarazten dizuelako. Sistema da kulpa, sistema kakazu hau, komunitateak eta territorioak usteltzen ari dena. Eta ez duzue horretaz hitz egiten. Hiritarrak frustratuta bezala daude, baina frustrazio horretatik irteten asmatu gabe, problemaren jatorria non den ikusten ez duela. Inoiz esan izan duzunez, Guatemalan, 36 urte iraun zuen gerra eta gero, bestelako gerra bat etorri da, jatorriko herriak suntsitzen segitzen duena. Megaturismoa, esate baterako. Bere armak baititu megaturismoak. Besteak beste, horra non datorren turista, kamera eskuan, niri, zuri eta denoi argazkiak egiten. Horretan ari denak ez du bere egoa puztea beste helbururik. Neoliberalismoak horixe sartu dizue kaskoan, direlako herri "exotiko" horietara –horrelaxe esaten baitiguzue, "exotiko"–, bidaiatzea. Baina ez zatozte bat, ez bi, jende olde handiak baizik. Eta, tartean, goi mailako turismoa, luxuzkoa. Estatuek jende horren dirua nahi dute, alemanak dira, edo estatubatuarrak, eta haien gogora antolatu behar da herrialdea: lekuak, jatekoak, errepideak… eta, azkenean, baita gure bizi eta gorputzak ere. Gu eskaparate batean jartzea besterik ez zaie falta, gu irribarrez, bisitariari agur eginez, gauzaki bihurtuta. Megaturismo horrek galarazi egiten du komunitate baitako harreman autonomoa, librea. Zer esan nahi duzu? Parkean ere ezin garela jarri, bakean, atol [artozko edaria] bat hartzen ere, han etorriko baita jendetza eta hasiko zaizu klik! eta klik!, argazkiak egin eta egin. Paisajearen parte omen gara. Ni paisajearen parte naiz, beraz. Eta, sinistu, gero! Hegazkinak bata bestearen atzetik datoz, jende modu honetaz bete-beteak. Eta hegazkinak gutxi ez, eta berdin itsasontziak. Diru parrasta duen jendea da, gizateria bost axola zaiona, bere buruari atsegin ematea, gozaraztea –sexualki nahiz dirua eralgiz–, gure biziaren kontura. Bada, ez! Salatu egiten dugu, bizi duina nahi dugu, gizakoiagoa, libreagoa, berdinen arteko harremanetan. Eta horrexen alde borrokatuko gara. Bizi duina esan duzularik, emakumearen duintasuna duzu lehen borroka. Jatorriko herrietatik kanpotik datorkizue erasoa, baina baita barrutik ere. Egia da. Ez da zuzena, ez gure biziarentzat, ez gizateriarentzat ere, eraso horiek ikusezin izatea, erasoak inpunitatez gauzatzea. Komunitateko batzarretan ez dugu horretaz gutxi hitz egiten. Bai, meategiak hor dira beti, erasoka, baina ez gaituzte bakarrik meategiek erasotzen, baita gure kideek ere, gizonezkoek. Hasteko, ohean bertan, bortxaz hartzen nauenean. Zer da orduan, etsaiaren konplize? Oligarkiaren bozeramaile? Zer pentsatu behar dugu, meategien kontra gogor ari den horixe, ohean joka ari bazaizu? Zer? Borroka bat bera zelakoan nengoen… Egiten ari den borrokaren kontra ari da, hipokrita huts jokatzen ari da, sexu bortxa da. Horixe gertatzen da emakumeak gizonari ezetz esaten dionean: "Gaur ez". Gizonak ez du emakumearen ukoa errespetatzen, bere gorputzari satisfakzioa ematea besterik ez du buruan, bere kalentura apaltzea. Horrelaxe hasi ginen klitoriaren gainean hitz egiten, gizonari bost axola zaiolako gu nola gauden… Maia herriak badu esaera bat, "Zu nire beste aldea zaitut", hau da, "ni zu naiz, zu ni zara", "gara". Baina gure lagun askok ahaztua dute hori. Horregatik hasi ginen emakumeok hitz egiten botereari buruz, ohetik bertatik abiaturik: goizeko lana, arratsaldekoa, komunitatekoa, eta iluntzean, atseden hartu nahi duzunean, gizona zain, sexu harremanetarako. Eta bai edo ez, norberaren erabakia da, ez beste inorena. Horrez gainera, laneko rolak, etxeko lanen banaketa… "Tortillak nahi ditugu, xigortuak eta bero-beroak!". Ongi!, eta nork egingo ditu? Etxeko eskalan gertatzen dena, komunitatean ere gertatzen da. Horixe da errealitatea, eta horretaz ere ari gara komunitateko kontseiluetan, horretaz ari gara komunitateko mugimendu feministetan.
news
argia-04d155d13313
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/emakumeentzako-sendabelar-tailerrak.html
Osasunaren autogestioa lantzen
Garazi Zabaleta
2018-04-01 00:00:00
Osasunaren autogestioa lantzen Arrasaten dihardu Ekin Emakumeak elkarteak. "Gure hiru ardatzak euskara, aniztasuna eta emakumeak dira", azaldu du Amagoia Muniozguren Urkiza kideak. Osasunaren autogestioa lantzeko emakumeentzako sendabelar tailerra egin dute otsailean eta martxoan. Ama lurrak eskainitako lehengaiekin botikina osatzen "Galtzen hasita zegoen jakintza berreskuratzea eta gure osasunaren autogestioa guk geuk egitea da asmoa", dio Muniozgurenek. Izan ere, ahaztu egiten zaigu askotan gure inguruak osasuna zaintzeko hamaika landare eskaintzen dizkigula, farmaziako botikin asko baino eraginkorragoak. Sendabelarrekin etxerako oinarrizko botikina osatzea izan dute helburu tailerrean: olioak, tinturak, jarabeak, gatzak edota ezpainetako baltsamoak egiten ikasi dute, besteak beste. "Lehenik inguruan dauzkagun landare eta sendabelar ezberdinak eta horietako bakoitzak dituen propietateak ezagutzeko saioak egin ditugu", dio elkarteko kideak. "Landare bakoitza zertarako erabil daitekeen eta gure gorputzak adierazten digun minaren arabera zer datorkigun ondo eta zer ez ikastea da asmoa". Behin teoria ikasita, mendi irteera egin dute landareak jasotzeko eta bakoitzarentzat zein den garai egokiena ikasteko. Emakumeen saretzea tailerren bidez Hirugarren urtez antolatu du aurten Ekin Emakumeak elkarteak emakumeentzako sendabelar tailerra. Interes handia pizten duen ekimena dela adierazi du Muniozgurenek: "Beti izan du arrakasta handia tailer honek. Jakin-min handia dago gai honen inguruan, eta oso aberasgarria izan ohi da, adin tarte handiko emakumeak elkartzen baikara". 20 urte ingurutik 70 urte bitarteko emakumeak elkartu dira tailerrean aurten. Aniztasun hori oso aberasgarria dela uste du antolatzaileak, eta tailerrak elkar ezagutzeko eta emakumeak elkarren artean saretzeko ere balio duela. Ekoudalatx elkarteko kideak aritu dira sendabelar tailerrean irakasle, baina parte hartzaileek ere euren artean dakitena elkartrukatzen dute. "Batek landare bat aurkitu badu ekarri egiten du, nola lehortu ikusten dugu… Bakoitzak ahal eta nahi duena aportatzen du tailerretan", adierazi du Muniozgurenek.
news
argia-d91c02286b5f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/reiki-terapia.html
Energiaren kanalizatzaileak
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2018-04-01 00:00:00
Energiaren kanalizatzaileak Rei; unibertsoa eta Ki; energia, unibertsoaren energia, alegia. Izen hori hartzen du eskuen bitartez energia gorputzera transmititzea helburu duen terapiak, desorekan dagoena orekatzeko. Medikuntza forma hau Japoniatik dator, Mikao Usui budistak garatu zuen 1922. urtean. Gorputz fisiko zein energetikoak orekatzea du helburu. Maila fisikoa, emozionala, espirituala eta mentala orekatzen dituela diote adituek. Energia hori pertsonok garraiatzen dugu Reiki terapian, kanalizatzaileak gara. Burutik sartu eta eskuetatik ateratzen dugu eta geure buruari zein beste pertsonari transmititu.  Nekane Garcia Arbelaiz 2007an hasi zen terapiaz ikasten eta hari eta familiari ekarritako onurak kontuan hartuta irakaslea izateko diploma eskuratzea erabaki zuen. Orain kontsulta dauka Hendaian: "Urte asko daramat terapia naturalen eta garapen pertsonalaren inguruan ikasketak egiten: Reiki, coaching, naturopatia, kinesiologia, tapping, Bach Loreak, elikadura osasuntsua, meditazioa... Besteak beste, nire emozioak hobeto kudeatzen, intuizioa berreskuratzen, bizitza modu positiboagoan ikusten eta energia gehiago izaten lagundu dit. Besteei ere irakutsi nahi nien hori".  Reiki ikasteko tailerrak ematen ditu Garciak, eta geroz eta jende gehiago hurbiltzen dela kontatu digu. "Urtean gutxi gora-behera 60 lagunek jasotzen dute ikastaroa, adin eta era desberdinetakoak. Bi hilero egiten ditut eta taldea sortzen bada lehenago ere bai", kontatu digu. "Gizartea geroz eta kontzienteagoa da gure ongizate eta osasunaren zati handi bat gure esku dagoela. Hala, bizi kalitatea hobetzea du helburu hurbiltzen den ehuneko handienak: antsietate eta depresiorik gabe bizi, bizi pozez, energiaz eta emozionalki orekan". Lierni Arrieta Iruretak jaso du jada ikastaro hori. Lau "maila" daudela azaldu digu. Berak lehenengoa egin du, bi aldiz gainera: Hendaian eta Durangon. Egun bateko ikastaroa izan zela adierazi du eta ondoren ariketak egin behar izan zituztela hiru bat astez eta egunean hamar bat minutuz. Arrieta ama izan zenean hasi zen Reikira nahi gabe hurbiltzen. Haurrekin komunikatzeko eta konektatzeko masajeekin hasi zen. Gerora, ordea, gehiago nahi zuen. Aitari alzheimerra diagnostikatzeak ere bultzatu zuen horretara. Gaur, etxean eta etxekoekin erabiltzen du Reikia, batez ere bere buruarekin: "Gauetan esnatu eta ezin lokartu nagoenean, haserretzen naizenean, haurrak gaixorik daudenean, aitarengana hurbiltzean...". Eskuek transmititzen duten energiaz gain, unea bera miresten du Arrietak, denbora hori hartu eta zurekin zein bestearekin konektatzea: "Ezer egin gabeko momenturik ez dugu hartzen. Lotan ez bada, ez dago isiltasun hori, egoten egote hori. Besteari egiten ari zarenean ere, besteaz pentsatzen ari zara, bestearenean zaude. Hori ere ez dugu askotan egiten eta opari bat da". Eskuak gorputzeko atal desberdinetan ipintzeak ere gorputzarekiko lotura estutzen duela gaineratu du: "Sustraietako txakra errepasatzen ari zarenean, adibidez, garunak zera dio: sustraitu zaitez! Hemen zaude eta hau da errealitatea". Reikia, ordea, gaixotasunak baretzeko erabili ohi da, ez beti sendagai gisa. Arrietak adibide bat jarri digu: "Lagun baten amona gaixo zegoen, hilzorian, eta Reikiarekin heriotza lasaia izan zuen". Garciak gehitu du gaixotasun larri eta kronikoen kasuan oso lagungarria dela, animotsu mantentzen laguntzen baitu. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Reikia onartu du eta erietxe gehiagotan erabiltzen ari da.  Norberarentzat erabilgarria zer den baloratu beharko genukeela azpimarratu du Arrietak: "Pertsona batek, agian, gaixoaldi hori beharko du bere bizipenean eta hori ere onartu behar da. Bakoitzak bere bidea egingo du eta Reikiak samurtzen lagunduko dio. Seme-alabak gaixo egon eta Reiki egiten diedanean, hobeto ikusi izan ditut. Baina, agian hobera egin behar zutelako da. Hori ez dakit neurtzen".
news
argia-1f73589f49f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/streisand-edo-erostrato-efektua.html
Streisand (edo Erostrato) efektua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-04-01 00:00:00
Streisand (edo Erostrato) efektua Efeso, K.a 365eko uztailaren 21a. Artemisaren tenplua, Antzinaroko zazpi mirarietako bat, erre eta suntsitu zuten. Erostrato izeneko artzaina epaitu eta kondenatu zuten sutearen erruduntzat. Pertsiar errege Artajerjes III.ak aginduta, torturapean lortu zuten krimenaren aitortza; ospea nola edo hala lortzea omen zen Erostratoren helburua. Erregeak berak emandako epaian, erruduna heriotzara kondenatzeaz gain, haren izena aipatzea ere galarazten zen, heriotza zigorpean, ospearen helburua betiko ukatzeko. Valerio Maximo erromatar idazleak ez zuen damnatio memoriae lege hori hautsi, ez zuen supiztailearen izenik aipatu, baina zera iragarri zuen: "Gizon batek Dianaren Efesoko tenpluari su ematea planeatu zuela jakin zen eta, hala, haren izena mundu osoan ezaguna izango zen eraikinik ederrena suntsitzeagatik". Teoponpo greziar historialariak ere sutearen berri jasoa zuen lehenago eta, gainera, Erostrato aipatu zuen. Horrenbestez, Valerio Maximoren profezia bete zen eta Erostratoren izena lau haizetara zabaldu zen. Victor Hugo, Anton Txekhov, Lope de Vega, Unamuno, Jules Verne, Jean-Paul Sartre, Gore Vidal... luzea da Erostrato beren lanetan aipatzen duten idazleen zerrenda. Miguel de Cervantesek berak, On Kixote Mantxakoan, Erostratorekin gertatutakoa jaso zuen; ospea bilatzen zuelako ahanzturara kondenatu zutela baina, azkenean, kontrakoa lortu zutela, alegia. Esanguratsua da Cervantesek artzainaren izena jasotzea eta erregea aipatu ere ez egitea. 2003an Barbra Streisand abeslari eta aktoreak, pribatutasunerako eskubidea alegatuz, salaketa jarri zion Kenneth Adelman argazkilariari, bere etxeari airetik egindako argazkiak erretiratzeko eta 50 milioi dolarreko ordaina eskatuz. Adelmanek argudiatu zuen Kaliforniako kostaldearen higadura dokumentatzeko egin zituela argazkiak eta Streisanden salaketak ez zuen aurrera egin. Kontrako efektua lortu zuen gainera, argazkia birala egin baitzen interneten. Orduz geroztik, Erostratorekin eta beste askorekin gertatutakoei Streisand efektua esaten zaie. Berdin esan zekiokeen Erostrato efektua. Baina egia da, psikiatriaren eremuan, ospea edozein bidetatik bilatzeari Erostrato konplexua esaten zaiola. Torturapean, egia izan ala ez, torturatzaileak nahi duena esateko efektuari, ordea, oraindik ez diote inoren izena jarri. Eta bada non aukeratu.
news
argia-00accba517dd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/eskolari-so.html
Eskolari so
I�aki Martinez De Luna
2018-04-01 00:00:00
Eskolari so Arrue ikerlerroak Lehen Hezkuntzako 4. mailako (LH4) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako (DBH2) ikasleen unibertsoak ditu aztergai. Azken txostenak berri itxaropentsua eman digu euskarak duen bilakaeraz: "2011-2015 epealdian, ikasleen eskolako euskarazko erabileren joera orokorra goranzkoa izan da, bi ikasmailetan. Eskolako erabilera orokorrak, LH4n 3,0 puntu egin du gora eta DBH2n 2,4". Horrez gain, ikerketak erakusten du hiru direla eskolako erabilera orokorrarekin lotura estua duten eremu nagusiak: familiakoa, gizarte hurbilekoa eta eskolakoa. Familia izan ohi da gotorlekurik sendoena hizkuntza ororen transmisiorako. Eremu horretan, lehen hizkuntza euskara soilik edo gaztelaniarekin batera duten ikasleen proportzioa gorantz doa LH4ko ikasleengan. Joera horrekin bat, ikasleen etxeko erabileran ere hazkundea dago, bi ikasmailetan. Badaude, LH4n, datu ilun xamar batzuk ere: D ereduko ikasleen proportzioa hazi den arren, irakasleen arteko euskararen erabilera ez da igo lau urtean Eskolako hizkuntza-baldintzetan ere badago zenbait zantzu positibo: D hizkuntza ereduko ikasleen proportzioa hedatu da bi ikasmailetan, 2011tik 2015era bitartean. Bestetik, irakasleen arteko hizkuntza erabilera LH4n berdin mantentzen bada ere, DBH2n gorantz doa. Ikasleek euskara gehiago erabiltzearen bultzatzaile nagusiak familia eta eskola eremuetako aurrerapausoak izango dira, bereziki D ikasteredua zabaldu izana. Gainerako eremutan ez da joera garbirik antzematen. Batetik, eskolaz kanpoko ekintzak, klase partikularrak eta udaleku eta kanpamenduak batera aztertuta, bilakaera ezberdina izan du euskarak: LH4n jaitsi da eta DBH2n igo. Bestetik, udalerrietako euskaldunen proportzioa (eremu soziolinguistikoa) ez da lau urtean ia mugitu. Azkenik, hedabideen eta kultura-kontsumoan euskararen presentzia igo da lehen hezkuntzan eta jaitsi bigarrenean. Emaitza horiek bilakaera nahasia erakusten dute, eta zaila da pentsatzea eskolan atzemandako euskararen igoerari ekarpen handirik egin diotenik. Badaude, LH4n, datu ilun xamar batzuk ere: D ereduko ikasleen proportzioa hazi den arren, irakasleen arteko euskararen erabilera ez da igo lau urtean eta, gainera, irakasleekin gelatik kanpo euskaraz egiten duten ikasleen proportzioa 2,2 puntu jaitsi da, 2013tik 2015era. Zergatik LH4n ez da ugaritu, marko euskaldunagoa eskaintzen duen D eredua hedatzearen poderioz, irakasleen beraien edota ikasle/irakasleen arteko erabilera? Zerk galgatzen du eskolaren ekarpena? Ikasleen egoera soziolinguistikoan eta euskarazko komunikabide eta kultura kontsumoan atzemandako geldiunea ez ezik, badago eskolaz kanpo beste traba ugari. Eskolari ez ezik, gizarteari ere egin behar zaio so.
news
argia-c63feeaa7c58
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/putin-irabazle-errusiako-hauteskunde-plebiszitarioetan.html
Putin irabazle Errusiako hauteskunde plebiszitarioetan
Asier Blas Mendoza
2018-04-01 00:00:00
Putin irabazle Errusiako hauteskunde plebiszitarioetan Bazirudien Mendebaldean errusiar fobiak ez zuela jada hazkunderako tarte handiagoa, baina ez, telebista piztu, egunkari edo liburu bat ireki, telesail edo film bat ikusi eta hortxe jarraitzen du hazkundean. Egokitasun politikoa zaintzen duten hedabideek eta erakundeek arrazakeria eta xenofobia maiz kritikatzen dituzten bitartean, errusiar-fobia sustatu egiten dute tamalgarria den jarrera xenofoboarekin. Horregatik maite dute Alexei Navalny. Vladimir Putin nazionalista bezala aurkezten badigute ere, Errusia Batua eta Putinen jarraitzaileak dira Errusiaren ikuskera multinazionala sustatzen dutenak nazionalisten aurkako diskurtsoarekin. Oro har, Putin abertzalea da, baina ez nazionalista etnikoa. Nazionalista etnikoak eta muturrekoak Putinen aurkakoak dira. Navalny mendebaldar zalea eta neoliberala izateaz gain, nazionalista errusiar arrazista da. Betidanik, bere apustuetako bat izan da etorkinen aurkako diskurtsoa. Navalnyren jarraitzaileek uste dute Errusiak europar nazio bat izan behar duela, kateak moztuz bere egungo izaera multinazional eta euro-asiarrarekin, asiarrak eta kaukasiarrak ez dituzte gogoko, ezta musulmanak ere. Errusia zuri eta europar batekin amesten dute. Badut lagun bat Navalnyren alderdikidea dena, eta oro har, berarekin hitz egitean progresista dirudi, nekazal gune eta probintzietako hiriburuetako errusiarrei buruz mintzatzen hasten den arte. Ezjakinak eta atzeratuak direla dio. Azkenean, berotu ahala Moskuren independentzia eskatzen du. Funtsean pobreekiko mespretxua da. Gorroto hori areagotu egiten da etorkinei buruz hitz egiten hasten denean. Oraindik gogoan dut Parisera joan zenean bizitzera bidali zidan mezua: "Hau desastrea, Afrika ematen du". Putinek, Jeltsinek ez bezala, ez du iruzurren laguntza behar hauteskundeak erraz irabazteko. Gurean maiz pentsatzen denaren kontra, erregimen politiko baten legitimazio iturri nagusia ez dira bere prozedurak, emaitzak baizik. Erregimena izan demokratikoagoa edo autoritarioagoa, bere egonkortasuna eta legitimazioa batez ere emaitzen terminoetan neurtzen dituzte herritarrek Zorionez Navalny eta haren jarraitzaileek duten babesa txikia da oso. Moskun dira indartsuenak, baina urrun lehenengo indarra izatetik. Navalnyk ezin izan du lehiatu hauteskunde presidentzialetan kondenatua izan zelako iruzur fiskalagatik eta diru zuriketagatik. Halere, abstentziorako egin duen deiak ez du arrakasta handirik lortu. 2012ko hauteskundeekin alderatuta partaidetza Errusian %2 igo da (orotara %68,5) eta Moskun %1,7 (orotara %59,86). Putinen babesa hiriburuan ikaragarri zabaldu da, %70,88ra iritsiz. Putinek inoiz hautagai presidentzial batek atera duen boto kopuru handiena atera du (56 milioi pasatxo) eta babes erlatibo handiena (%76,6). Sobietar Batasuna desagertu ostean Errusian ez dira egon hauteskunde presidentzial lehiakorrak, beti izan dira plebiszitarioak. Hau da, presidenteak hauteskundeetan bere jarduera politikoarekiko babesa neurtzeko baino ez dute balio. Babes zabala lortuz gero presidenteak bere ildo politikoa indartuko du eta babesa estuagoa bada aldaketak egingo ditu. Putinek, Boris Jeltsinek ez bezala, ez du iruzurren laguntza behar hauteskundeak erraz irabazteko. Izan ere, gurean maiz pentsatzen denaren kontra, erregimen politiko baten legitimazio iturri nagusia ez dira bere prozedurak, emaitzak baizik. Erregimena izan demokratikoagoa edo autoritarioagoa, bere egonkortasuna eta legitimazioa batez ere emaitzen terminoetan neurtzen dituzte herritarrek. Putinek sekulako buelta eman dio 90eko hamarkadan Errusiak bizi zuen egoera tamalgarriari. Garapen ekonomikoa, egonkortasuna eta segurtasuna eskaini dizkie errusiarrei. Halere, hauteskunde estrategian garrantzitsua izan da azpimarratzea aberriak Mendebaldeko herrialdeen partetik eraso bat bizi duela. Horri aurre egiteko batasuna aldarrikatu du, horregatik, oraingoan independente bezala aurkeztu da "alderdikerietatik aldentzeko". Aberriaren aitaren irudi horrek baina, iraungitze-data du 2024an. Inork gutxik jartzen du zalantzan, Jeltsinek egin zuen bezala, berak ere izendatuko duela bere ondorengoa.
news
argia-921384b98928
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/mikel-serrano-zinemak-badu-artea.html
"Zuzendari artistikoak istorioa aberastu behar du, baina estali gabe"
Ander Perez
2018-04-01 00:00:00
"Zuzendari artistikoak istorioa aberastu behar du, baina estali gabe" Goya sariarekin batera etorri zaio elkarrizketa zaparrada Mikel Serranori (Iruñea, 1975), eta nekatzeraino aritu da Handia filmaz batean eta bestean. Akaso horregatik, eskertu du pelikulaz harago ofizioaz ere hitz egitea. Mantso mintzo da, esatera doana ongi irudikatu beharko balu bezala. Ez du alferrik pentsamendu bisuala lanabes nagusi. Mila aldiz galdetuko zizuten, baina, zein da zuzendari artistikoaren lana?   Film batean ikusten denari aktoreak eta haien lana kentzen bazaizkio, geratzen denaren erantzunkizuna da nirea, argia izan ezik, argiztapen lan bat baitago, eta argazki zuzendaritzaren lana da hori. Pantailan ikusten denaren inguruko erabakiak filmaren zuzendariak eta zuzendari artistikoak hartuak dira. Sinplifikatuz, dekoratuaren diseinua, atrezzoaren aukeraketa, koloreen aukeraketa... Hori da gure lana. Zinema iruzurra bada, beraz, zu zara iruzur horren konplize? Zinema iruzurra da, berez, magia hori duelako. Gure lana, gehien bat, filmaren zuzendariak bilatzen duen estilora moldatzea da, ezin da inoiz gainetik egon. Azken finean, zuzendaria da denaren erantzunkizuna daukana. Beraz, aurrean duzun filmaren estiloa zein den, zuzendari artistikoaren lana izan daiteke iruzur hori bilatzea, edo errealitateari ahalik eta gehien eustea. Nik egindako lanetan denetarik egon da. Oharkabe pasatzen dena omen da zuzendari artisikorik onena. Horren alde nago ni, bai. Zuzendari artistiko batentzat, interesgarria da film batek nolabaiteko mundu pertsonal bat sortzeko aukera eskaintzea, baina filmak ez badu eskatzen, eta hala ere zuzendari artistikoa horretan tematzen bada, azkenean, lan hori gehiegi nabarmenduko da, eta hori ez zait batere gustatzen. Zuzendari artistiko batek eta hark diseinatzen duen dekoratuak istorioaren parte izan behar du, eta berau aberastu behar du, baina benetako istorioa estali gabe. Zuenak, izan ere, eragin zuzena du istorio eta pertsonaiengan. Ez da dekoratu hutsa. Guk, dekoradore moduan, ez ditugu ohiko dekoradore batek erabiltzen dituen tresnak erabiltzen, azken batean, sortzen dugun estetika pertsonaia batera moldatu behar delako, eta pertsonaia horri buruz gauza pila bat esan behar dituelako. Oso interesgarria da, egoera bera aberasten duelako. Pertsonaia bat ezagutu daiteke bere atzekoa ikusita, eta egoera bat ulertu daiteke atzeko hori horretarako diseinatuta dagoelako, eta ondo diseinatua dagoelako. Argazkia: Dani Blanco Zein da zuen lan prozesua? Lehenbizi, ideiaren irakurketa eta hausnarketa pertsonala egiten da, eta ondoren, zuzendariarekin aztertzen da gidoia, eta istorioaren zein pertsonaien estiloa finkatzen da. Horrekin hasten gara pelikula bera eraikitzen, bai koloretan, bai testuretan, eta baita espazioaren ezaugarrietan ere. Bide horretan argazki zuzendariarekin ere lan egiten da, eta beste film edo artelanetako erreferentziak erabiltzen dira, ideiari forma emateko, zer bide jarraitu jakiteko. Handian , zein izan zen erronka? Soiltasuna da filmaren ezaugarri nagusia, eta hori izan zen erabakirik onena ere. Istorioak berak halako zerbait eskatzen zuen, eta produkzio kontuetan ere lagungarria izan zen halako erabaki bat hartu izana. Oso proiektu zaila zen, XIX. mendeko giro bat sortu behar genuelako, eta Europako puntu ezberdinetan gertatzen zelako istorioa, baina Euskal Herritik atera gabe lortu behar genuen toki horiek erakustea. Oroitzapen bikaina dut, batez ere, parte hartu genuenok proiektuaren alde egin genuelako. Elkarri erraztu genion lana. Hamar Goya sari eskuratu ditu filmak, eta zuretzako izan da horietako bat. Nola bizi izan duzu arrakasta hori?   Ilusio handiarekin, poztasun handia eman digulako, pertsonalki eta kolektiboki. Nik sorpresa handia hartu dut, Handia egin genuenean ez genuelako horrelako helbururik, ez genuen horretan pentsatzen. Pelikula on bat egin nahi genuen, baina ez zegoen beste anbiziorik, eta alde horretatik,  harrigarria izan da. Bestalde, asko poztu nau jendearentzako oso film inportantea bihurtu dela ikusteak. Pelikulak lortu dituen sariak eta aitortzak garrantzitsuak izan dira jendearentzat; euskaraz egindako pelikula bat puntu horretaraino iristeak harrotasuna eman dio jendeari, eta polita izan da hori. Jendeak filma bere sentitu izan balu bezala, nolabait?   Bai, hori da. Gainera, pelikula honek euskaraz ez dakien publikoa ere hurbildu du euskal zinemara, eta hori oso ondo dago. Azken finean, jende batek galdu du euskarari zion nolabaiteko beldur hori. Agian asko esatea da, baina orain arte euskaraz egindako film batek hainbat harresi zituen apurtzeko. Orain, tira, zeozer apurtu egin da. Pentsa dezagun ondoren datozenek ez dutela arazo hori izango, edo ez behintzat hainbestekoa. Ofizioaren prekarioaren aurrean, aringarri ote dira sariak? Oso inportantea da sariaren neurriaz jabetzea. Sariak zinemaren industriaren parte diren askoren erabakien ondorioz eman dizkigute, eta hori inportantea da. Baina egia da eguneroko errealitatea hor dagoela, eta sariak ez du hori ezabatzen. Beraz, jarraitu behar dugu lanean, telefonoak noiz joko zain. Pelikulak ez dira sarien bitartez egiten.
news
argia-e31ecc295724
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/punk-rockaren-historia-berridatzita.html
Punk-rockaren historia berridatzita
Iker Barandiaran
2018-04-01 00:00:00
Punk-rockaren historia berridatzita 1980ko hamarkada bukaeran Euskal Herriko punkaren urte distiratsuak apaltzen zihoazen, 1977ko Ingalaterrako punketik inportatutako garraztasuna ez zen lehengo bera eta mezuak errepikatzen ziren. Halako batean Donostiako auzune batean AEBetako eta Europako bestelako punk-rock talde korronteei arreta jarri zien La Perrera talde amorratua jaio zen: hemen ezagutzen ez genituen erreferenteak (Loveslug, Dictators, Angry Samoans, Dead Boys, MC5…) errebindikatu eta hain politikoak ez ziren hitzak idazten. Bost urte eskaseko ibilbide basatia egin zuten, ezjakintasunaren eta indiferentziaren aurrean bidea zabaltzen, eta justu onespena lortzen hastean, taldea bertan behera utzi zuten. Urtebetera La Perrerako kideetako bik –Arturo eta Gonzalo Ibañezek– Nuevo Catecismo Católico (NCC) sortu zuten; eta beste bik –Xabi Garrek eta Mikel Serranok– Señor No, hain justu Euskal Herriko eta oro har Espainiako Estatuko punk-rockaren oinarri bihurtu diren bi talde handi. Hala, 2017an NCCk 25 urte bete zituen eta bidean inoiz hutsik egin ez duten ehunka eta ehunka kontzertu gogoangarri, zazpi disko luze, single ugari eta kolaborazio dezente. Hori ospatzeko, honako bilduma interesgarria kaleratu dute CD bikoitzean batuta, ibilbideko atzoko eta gaurko 46 kanta ezagun zein ezezagun; baita Dani Mortajak idatzitako taldeari buruzko 68 orrialdeko liburuxka oso-oso osatu bat ere. La Perreraren ildoari jarraituta, baina estilo gehiagorekin aberastuta, punk-rockari ñabardura gehiago eskaini dio Nuevo Catecismo Católicok bere ibilbidean, betiere estilo handiko rock amorratuaren koordenadatan, musikaren gaineko ezagutza handia erakutsiz. Lehen CDan maketako eta hastapenetako diskoetako hainbat perla, zuzeneko piezak, Chockablock estudioko zenbait hartze, eta Dead Boys, Wayne Conty, Rose Tatto, The Flammin' Groovies eta RIPen bertsio inspiratu bana. Bigarren CDan azken lanetako perlak, tartean Chockablock estudioko sesioetakoak, Bonberenea estudiokoak, Tolosan zein Oviedoko Crossroad jaialdian El Vez-ekin batera egindako zuzenekoak, singleetako pieza ezezagunak eta La Banda Trapera, UK Subs edo Dead Boysen bertsioak aurki ditzakegu.
news
argia-dfbdc491aa96
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/zerbitzu-publikoen-aldeko-greban-500000-jende-karrikan-hexagonoan-15000-baionan.html
Zerbitzu publikoen aldeko greban 500.000 jende karrikan Hexagonoan, 15.000 Baionan
Mikel Asurmendi
2018-03-23 00:00:00
Zerbitzu publikoen aldeko greban 500.000 jende karrikan Hexagonoan, 15.000 Baionan Zerbitzu publikoen langile kopurua gutxitu nahi du Emmanuel Macronek. Funtzio publikoetako sei eremu berrituko zuela agindu zuen presidente izendatua izan aitzin. Gobernuaren eta sindikatuen arteko hirugarren oldartzea izan zen atzoko greba. Hitzarmen soziala finkatzeko abagunerik ez dago Frantziako Estatuan. Bost milioi dira egun funtzionario publikoetan ari direnak eta Macronek 120.000 lanpostu kendu nahi ditu bost urtetan. Baionan 15.000 jende manifestatu zen atzo neurri horren aurka. Mobilizazioa zazpi sindikatuk deitua zen, Iparraldeko indar politikoek, abertzaleek barne Ipar Euskal Herrian SNCF-ko langileak (Frantziar Burdinbideen Sozietate Nazionala) izan ziren mobilizazioen aitzinean, alta bada, osasun, irakaskuntza hala nola administrazioko arlo askotako enplegatuak ere karrikara atera ziren. Edonola ere, Iparraldean nahiz Hexagonoan trenbideetako langileek egindako grebak izan ditu oihartzun eta eragin handienak. Macronek urte bat bete du Estatuaren gidaritzan, alta, hemezortzi hilabetetan erreforma burutu zuela hitz eman ere. Hautatua izan eta berehala Lan Kodean egin zituen aldaketek milaka pertsona aterarazi zituen kalera. Iazko urrian izan zen hirugarren oldartzea. Sindikatuen iritziz, langile publikoen eskubide sozialen –soldaten txikitzea, erretarako bermeak, lan-postuen izaera prekarioa… – apalduz joan ahala, aldian aldiko gobernuek langileen estatu publikoa negoziatzeko aldez Lan Hitzarmena adosteko baldintza urriak salatzen dituzte. Macronek kontratu sozial berri bat erdietsi nahi du. Langileen ustez baina, gobernu honek politika liberalek iraganeko jendartearen ongizatearen lorpenak suntsitzen jarraitu nahi du. 500.000 jende karriketan Estatuan eta bereziki Parisen jokatu da hirugarren indar neurtzea. Iragan urriaren 10ean 400.000 jende mobilizatu zen Frantzia osoan, atzo 482 000, hauetako 40.000 Parisen. Datu horiek CGT sindikatuak emana dira. Poliziak berriz, estatuak alegia, 165.000 izan zirela dio, eta hauteako 32.500 Parisen. Aldiro, manifestazio eta mobilizazioen neurria ematean, gobernuaren eta sindikatuen arteko zenbakien "gerra" agerikoa da. Frantziako Le Parisien agerkariaren hitzetan atzo, Estatuaren funtzio publikoetako %10 inguruk egin zuen greba. Langileek, mobilizazio berriak iragarri dira apirilean eta maiatzean. Maiatz 68 gogoangarrietako mobilizazioen espiritua biziarazi nahi dute 50 urteren ondoren.
news
argia-39cc810e3ea0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/gazan-bizirauteko-elkarri-zorrak-barkatzen-hasi-behar-izan-dute.html
Gazan bizirauteko elkarri zorrak barkatzen hasi behar izan dute
Pello Zubiria Kamino
2018-04-01 00:00:00
Gazan bizirauteko elkarri zorrak barkatzen hasi behar izan dute Israelgo armadaren eraso militarrak eta ihesbiderik gabeko setioa batetik, Aginte Palestinarrak Hamasi presio egiteko egindako soldaten murrizketa handiak bestetik, Egiptok pasabide oro ixtea azkenik, itolarri gero eta handiagoan bizi dira bi milioi jende Gazan. Urtarrilean mezu bat zabaldu da sare sozialetatik gazatarren artean: "Barka itzazu zorrak eta saritua izanen zara". Bizimodu normal batetik txirotasunera amildutako familia askok arnasa hartu du. Maha Hussaini kazetariak kontatu du Middle East Eye hedabidean: " Merkatari gazatar baten ekintza on batek zorrak barkatzeko kanpaina eragin du ". Bitxi egiten da gaurko munduan, nahiz eta David Graeber antropologoak erakutsi duen lehenbiziko zibilizazioak eraiki zirenetik ziklikoa izan dela zorren barkamena bake sozialak eskatuta. Egia da erlijio guztietan errepikatzen dela gomendioa, berdin Allah gurtzen dutenen artean edo Jainko kristauarenean ("Barkatu gure zorrak, guk gure zordunei barkatzen diegun bezala"...) baina ez da usu praktikatzen. Osama Abu Dalalek –kontatu du Hussainek– urtarril hasieran erabaki zuen zorrak ezabatzea Deir al-Balah errefuxiatu eremuan daukan oinetako dendan fakturak pagatu ezinik zebiltzan bezeroei. "Ezin ditut begiak itxi ez ikusteko nola ari den txirotasuna nagusitzen nire gizartean. Ezagutzen ditut gurasoak oso berandu etxeratzen direnak, haurrak oheratuta daudenean, ez dakitelako zer egin haiek nozitutako behar gero eta handiagoak asetzeko". Facebookeko bere orrian oraindik irakur daiteke –arabieratik makinak itzulirik– urtarrilaren 9an idatzita utzi zuena: "Osama Zakaria Abu Dalal, Abu Dalal Oinetako Dendaren jabeak, Jainkoaren errukia eskatuz, iragartzen du bezero guztiei barkatuko zaizkiela oraindik pagatzeke dauzkaten zorrak, (...) Gazan bizi dugun egoera ekonomikoagatik. Ekintza honek balioko al du bide bera jarrai dezaten beste merkatari kideek, gure herriaren sufrikarioa arintzeko. Jainkoak babes gaitzala zuek eta gu". Ordu gutxiren buruan eztabaida berotu zen Facebooken, erabaki horren gainean kanpaina antolatzea proposatuz. Ekintzaile eta kazetariak beste merkatariei hasi zitzaizkien galdezka. Traola ere hedatu zen, "Barkatu eta saritua izango zara" itzul daitekeena. Zenbait merkata Abu Dalal bezala bezero atzeratuei zorrak barkatzen hasi ziren. Kanpainaren barruan beste batzuek erabaki zuten behartsuenei debalde eskaintzea beren salgaiak, janariak, janzkiak, botikak, otordu beroak, berogailuak, oheko arropak... Sustatzaileek kalkulatu dute bi aste laburretan ia 200.000 euroko zorrak barkatuko zirela Gazan. Abu Dalalen kasuan, berak ez du aitortzen inolako zifrarik, "ezta emazteari ere". Galdezka joan zaion kazetariari arrasto hau utzi dio, halere: hemezortzi urterekin lanean hasi zenetik aurreztutako guztia adinakoa dela barkatu duen kopurua. Zorren amnistia kanpainan parte hartzeko era berritzaile gehiago laster hasi ziren zabaltzen. Al Helou International ospitaleak iragarri zuen haur bila dabiltzan 120 bikoteri dohainik egingo ziela in vitro ugaltze tratamendua eta gainerako zerbitzuetan ere beherapenak egingo zizkiela beharrean diren familiei. Egia den arren Gazan osasun zerbitzu publikoak doakoak direla, krisiarekin erabat blokeatuta daude , makineriak mantenu barik, argindarra eskuratzeko ere arazoekin, edozein operaziotan urte eta erdiko itxaron zerrendekin... Zenbait abokatu ere hasi da urririk eskaintzen aholkularitza juridikoa pagatu ezinean direnei. Muhammed Seyam abokatu gazteak Hussainiri azaldu dio zergatik hartzen duen parte kanpainan: "Hemengo jendea desengainatuta dago bertako eta nazioarteko arduradunekin; bi milioi pertsona setiopean bizi dira hamar urte baino gehiagoz eta horiei ezartzen zaien zigor kolektiboari aurre egiteko neurriak hartzeko arduradunok ez dira gauza. Jendeari bere kasa moldatzeko garaia iritsi zaio". Ihesbiderik gabe 2017ko uztailean Nazio Batuen Erakundearen txosten batek azaldu zuen Gazan bizi diren bi milioi herritarren –horietatik 1,3 milioi errefuxiatuak– bizimodua gero eta larriagoa zela eta Gaza hitzez hitz bizi ezineko leku bilakatua zela. Europar Mediterraneoko Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Gazako biztanleen %39 txirotasunaren muga azpitik bizi da, Zisjordaniako kopuruaren bikoitza, Israelen setioagatik eta Gazak Israelekin bezala Egiptorekin dauzkan pasabideen itxiera eten gabeagatik. New York Time s amerikarrak otsailean titulatu zuenez, " Gaza finantza krisian amilduta, egoera lehertuko ote den beldurra zabaldu da ". David M. Halbfingerrek hondamendiaren adibidetzat aurkeztu du Muhammad Abu Shaaban, 45 urte, Palestinako Aginteak duela bi hilabete erretretara bidalitako funtzionarioa, lehendakariaren goardiakoa. Sei ordutaraino itxaron behar izaten du ilaran hileroko soldata jasotzeko: 232 euro gaur egun, lehengo 1.075en ordez. Bizitza arras aldatu zaio Abu Shaabani. Ez zaio iristen semearen lizeoko matrikula pagatzeko. Emazteari barazkiak erosten dizkio otorduetarako, haragirik gehiago ez. Asko dabiltza horrela. Kazetariak aurkitu ditu guraso arruntak seme-alabei otorduan orain arte abereei ematen zizkieten leka eta barazkiak prestatzen. Gazako espetxeak, berriz, gero eta gehiago ari dira betetzen beren zor atzeratuak pagatu ezin dituzten dendari eta merkatariz . Israelek dozena bat urtez blokeatu du Gaza, zorrotz murriztuz elikagaien eta klase orotako horniduren sarrera bezala bertako jendeen irteera. Juduek ez dute lortu, hala ere, gazatarrek botoa kentzea Hamasi, hori baldin bazuten helburu. Honek urte luzez setioari izkin egin ahal izan dio Sinai aldera eta batik bat Egipto aldera zulatutako tunelekin. Estatu kolpearen ostean Egiptok gogortu egin du jokabidea Hamasekiko eta Israel ari da lurpeko hesi garesti batez zigilatzen Gazaren mugalde osoa, neke handiz barrutik urratutako tunelak baliogabetuz. Egoera asko larriagotu da iaztik, Hamasen eta Palestinako Aginte Nazionalaren arteko tirabira gogortzearekin.  Mahmoud Abbasek, Hamasen gainean presio egiteko, utzi zion Gazako argindar zentralaren erregaiak pagatzeari, Israelek Gazari saltzen zion elektrizitatea pagatzeari bezala. Eta oraindik Gazan nominan dauzkan funtzionarioei soldatetan murrizketa oso handiak egin zizkien. Presioagatik edo dena delakoagatik, Hamas itun berri batera iritsi zen Abbasekin iazko udazkenean. Baina laster berpiztu dira desadostasunak eta urte amaierarako berriro gauzak okertu ziren. Abbasek Gazako bere 60.000 funtzionarioei soldatak %30-%40an apaldu baldin badizkie, Hamasen 40.000 enplegatuek hilabeteak daramatzate kobratu gabe. Maha Hussainik elkarrizketatu du Ahmed ere, 42 urte, taxi gidaria, Al Shati errefuxiatu gunean bizi dena. Sei hilabete zeramatzan bizilekuaren 117 euroko errenta pagatu gabe, taxiarentzako gasolina 1,4 eurotara igo zutenetik. Atzeratutako zorra barkatu omen dio etxe jabeak: "Eskertuta nago. Neguan nire familia epelean atxiki ahal izango dut".
news
argia-9266c1fd4232
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/familiabakoak.html
Familiabakoak
Leire Narbaiza Arizmendi
2018-04-01 00:00:00
Familiabakoak Galdera batek zurtuta laga ninduen ETBko Ur Handitan saioan. Xabier Madariagak Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri egindako honexek: Familiarik ez baldin baduzu uste duzu dela musikaren erruagatik? Familiarik ez zeukala esan zion, aurretik haren arreba elkarrizketatu arren. Eragindako harriduraren ostean, gure amamaren sasoiko andreak etorri zitzaizkidan burura, halaxe galdetzen zuten-eta seme-alaben kontuaz. Zaharmindu usaina hartu nion itaunari, badirudielako umerik ekarri ezean, ez dugula familiarik. Alferrik da gogoratzea guraso, neba-arreba, ilobak edota koinatuak izan genitzakeela, buru horietan familiabakoak izango gara beti kumerik ez dugunok. Jakina, ezin aitatuko diegu lagun eta bizikide batzuk ere senideak bezain familiako direna guretako. Bizitzako trantzeak pasatzen, eta aurrera egiten laguntzen diguten pertsona begiko horiek ez dira odoleko familiakoak, ez dugu DNArik konpartitzen, baina bizipenak, pozak eta tristurak elkar banatu ditugu, bidea arinago egiteko asmotan. Aukeratutako gure familia dira, bestea bezain garrantzitsua. Seme-alabak munduratu izanak ez duelako kategoria handiagoa ematen, ezta estatus altuagoa ere. Sendia modu askotakoa izan litekeelako, hain zuzen ere.
news
argia-4eb345f4f592
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/sahararrok.html
Sahararrok
Jon Aranburu Artano
2018-04-01 00:00:00
Sahararrok Mdou Moctar-en kontzertua. Gasteizen, EHUko unibertsitate pabilioian, martxoaren 14an. Bide luzea egin zuen, itxura denez, Mdou Moctar musikariak asteazken batez Arabako EHUko campusean agertzeko. Bere jaioterritik, Abalak (Niger), Sahararen hego ertzetik, Sahel igarobidetik irten zen garai batean basamortua zeharkatzeko karabana. Gaur egun, han batzen omen dira Europara etorri nahi duten afrikar asko, Sahara gurutzatzeko asmoz. Berak bide luzea du egina, baita bere musikak ere. Tamaxek hizkuntzan kantatzen omen du maitasunaz, hezkuntzaz, bakeaz eta Islamaz. 2000ko hamarkadan grabatu zituen lehenbizikoz bere kantuak, Nigeriara joanda, eta lan hari Tahoultine deituko zion. Zabaldu, ordea, diskoa batean eta bestean saltzen ibili beharrean, Sahelen ohikoa izan den moduan, antza, sakelako telefonoen eta SD txartelen bitartez zabaldu ziren bere kantuak, baita ederki zabaldu ere: inguru hartako musikaririk arrakastatsuenetako moduan etorri zaigu geure belarrietara, Tinariwen, Bombino eta Tamikrest-ekin batera. Tuarega da Mdou, eta euren herriko janzkerarekin igo ziren taula gainera taldeko bi gitarra-jotzaileak; bateria-jotzailea, janzki mendebaldarrez. Hirukotea osatuta, argitaratuta dituen lau bildumetako kantuak jo zituzten ordubete pasatxoan. Egituraz oso kantu berdintsuak guztiak: gitarrarekin jolasean hasi, eta inor konturatzerako eraikita zuten kantuaren bizkarrezurra; tarteka kantuan, gehienetan gitarrarekin melodiak eginez; taldekideek, berriz, bakarlariaren laguntza soila –eta dotorea– egin zuten. Gitarra jotzen ezkerra, instrumentuarekin iaioa zela nabarmen zitzaion Moctarri: gehienetan melodiko eta patxadaz, batzuetan Yngwie Malmsteen-en abiaduraz harro eta urduri aritu zen kontzertu guztian. Jarreraz umil, ikusentzuleoi behetik gora begira, tartekako Thank You Merci -ez gain ez zuen beste hitzik egin. Badute kantuek halako mantra kutsu bat, batez ere, erritmoak eta behin eta berriz errepikatzen diren melodiek hartara eramanda, gerririk gogorrena ere dantzan jartzeko modukoa. Ez zen, ordea, asteazken horretan dantza saio labur batetik haragokorik izan. Sahara Rock jartzen zion gitarran itsatsita zuen pegatina batek. Halaxe definitu izan dute estilo hau, edota Sahel Rock . Ez naiz halakorik egitera ausartzen. Gehiegizkoa iruditzen zait Europa halako bi edo hiru den lurralde bateko musika guztia izen bakarrarekin definitu nahi izatea. Kontatzen dute AEBetako bluesman zahar bati jarri ziotela behin Ali Farka Toure musikari maliarraren kanturen bat, eta berea baino lehenagoko bluesa zela iruditu zitzaiola. African Blues deitu zioten, esklabotzaren bidea zein izan zen ahaztuta-edo. Sahara bera baino handiagoa da "lehen munduko" deitutakoon zilborra.
news
argia-0562ef54aef5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2593/familien-zaintza-lanen-kontziliaziorako-neurriak-hartu-dira-legebiltzarrean.html
Familien zaintza lanen kontziliaziorako neurriak hartu dira Legebiltzarrean
Maddi Txintxurreta
2018-03-22 00:00:00
Familien zaintza lanen kontziliaziorako neurriak hartu dira Legebiltzarrean Familien zaintza lanen kontziliaziorako neurriak hizpide izan dira asteazkenean Gasteizko Legebiltzarrean, aitatasun baimena luzatzea eta errenta baxuko familientzat Haurreskolak doakoak izatea, besteak beste. Oro har, alderdiak ados agertu dira proposatutako neurriekin. Gasteizko Legebiltzarrean demografiari eta familiei lotutako osoko bilkura egin dute asteazkenean, EH Bilduk eskatuta. Parlamentuak lauhileko honetan onartzekoa duen Familiei Laguntzeko VI. Plana izan zen hizpide, eta 80 proposamen baino gehiago onartu ziren. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabalek proposatu du aita edo bigarren guraso direnei hiru hilabeteko eszedentzia ematea. Haurra jaio eta lehen hilabetean hartu ahal izango dute, betiere amaren amatasun baimenarekin bat egin gabe. Egungo lau asteko aitatasun baimenari gehituko zatzaizkio hiru hilabeteok. Baimenak iraun bitartean, kotizaziorako oinarriaren %100a kobratuko lukete eszedentziadunek. Artolazabalek gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko neurriak proposatu ditu, martxoaren 8ko mobilizazio feministei erantzunez. Diru Sarrerak eta Inklusioa Bermatzeko 2008ko Legearen erreforma ere eskatu du, gizarte larrialdi laguntzetan eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) familiei ematen zaien arrera hobetzeko. Horretarako, errenta jasotzen duten eta haurrak dituzten familien gutxieneko errolda denbora bi urtera jaitsiko du, eta guraso bakarreko familiek jasotzen duten laguntza osagarria igoko du. Bestalde, bigarren haurra izateagatik jasotzen den laguntza bitik hiru urtera luzatu nahi du. Gainera, EAJk eta PSE-EEk Erakunde arteko gogoeta lantalde bat sortzeko eskatu diote Jaurlaritzari, Finantzen Euskal Kontseiluaren barruan, uste baitute egungo laguntza eta zerga sistemak familia dirudunenak saritzen dituela. Bestalde, 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familientzat Haurreskola doakoa izatea eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta ados agertu dira gainontzeko alderdiak. Demografiaren arazoa Gainontzeko herrialdeekin alderatuta, jaiotza tasa baxuak dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta populazioa zahartu egin da azken 40 urteetan. Alta, EH Bilduk euskal erakundeei leporatu die ugalketa "merkatuaren beharrekin eta ongizate estatuaren iraupenarekin" lotu dutela, eta koalizioko Nerea Kortajarena legebiltzarkideak esan du arazoa ez dela jaiotza tasa apala, "ugalketa eskubideak ukatzea" baizik. Alderdi guztiak ados agertu dira Kortajarenak esandakoarekin, eta honek pozik erantzun du: "Denok onartu duzue helburua ez dela jaiotza tasa handitzea, eta hori bada paradigma aldaketa bat". PSEko Gloria Sánchezek egungo politikak "paternalistak" direla kritikatu du; bere ustez erakutsi dutela "ez direla haurrak edukitzearen ordainetan dirua jasotzeko". PPko Laura Garridok, bestalde, Eusko Jaurlaritzen murrizketak kritikatu ditu. Eztabaida eta ekintzarako tartea izan da asteazkenean, eta adostasuna nagusi gainera: EH Bilduk proposatutako neurrien erdiak onartu ditu legebiltzarrak. Kortajarenak esan du horrelako gizarte politikekin jaiotza tasa "berez" igoko dela.
news
argia-2d697bb77aec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/herri-elkargoa.html
Sortuko ahal da!
Asier Iturralde Sarasola
2016-06-19 00:00:00
Sortuko ahal da! Euskal Departamendua aldarrikatzetik Lurralde Kolektibitatea aldarrikatzera pasa ziren Ipar Euskal Herriko herritarrak. Ez bata ez bestea, Herri Elkargoa (HELEP) izan daiteke tokiko euskal herritarren instituzio politikoa. Lehenbiziko bi aldarrikapenak lortzea ezinezkoa iruditzen zaigu, egungo egoera soziopolitikotik begiraturik. Herri Elkargoa berriz, urrats handia izan daiteke berezko euskal instituzioa lortzeko. Tokian tokiko instituzioen arteko harremanen bidez, EAE, Nafarroa eta Iparraldea euskal lurralde bakarrean irudikatzea une historikoa litzateke. Aspaldiko ametsa. Frantziak ez du inoiz Euskal Herria errekonozitu. Estatuaren egungo instituzioen markoa Iraultza garaian (1789-1799) sortu zen. Aldian aldiko gobernuek, ezkerrekoa izan edo zentro-eskuinekoa, beti errefusatu dute euskal instituzioa. Euskal Departamendua bi mende luzetan aldarrikatu zen, iragan mendeko erdialdeaz geroztik indartuz joan zena. Harrezkero, berezko instituzio baten aldeko ekimen ugari izan ziren. Egungo egoera politikoa 1990. urte hasieran aldatzen hasi zen. Tokiko eragile sozial, politiko eta kulturalek, beste gisa batez hasi ziren pentsatzen euskal lurraldeaz. Garapen Kontseilua 1995ean hasi zen ernatzen, gizarte zibilak bultzatua, Hautetsien Kontseiluaren begiradapean. Egungo Herri Elkargoa osatuko duten sailak orduan hasi ziren diseinatzen, baita Garapen Kontseilua lehen aldiz, Estatua-Erregioa-Departamenduaren eskutik dirua biltzen hasi ere. Lurraldea garatzeko Kontratua deitua orduan finkatu zen. Kontratua sei urterako sinatua izaten da. Hiru aldiz berritu izan da orainokoan. Kontratuaren berezitasunetako bat hauxe da: dirua ez da legez Garapen Kontseiluaren eskutik erabiltzen, aitzitik, gizarteko elkarte eta hauen eragileek beren proiektuak aurkezten dituzte eta Estatuarekin negoziatzen dira zuzenean. Pays deitu Kontratuaren izendapenean proiektu asko garatu izan dira. Pays izendapenaren amaiera 2010ean, Nicolas Sarkozyk Frantziako Lurraldearen erreforma bultzatu zuen eta Pays izendapena amaitu zen. Pays egituraren bitartez instituziorik gabeko lurraldeek beren beharrizanak garatzeko aukera izan dute. Euskal Herria aitzindaria izan da Hexagonoan. Garapen Kontseiluaren asmoa Euskal Herriari izaera instituzionala ematea izan da. Hautetsien Kontseiluarena aldiz, ez; ez aurrekoaren gogo berberaz, behintzat. Pays izendapena galbidean sartu zenean, Hautetsien Kontseiluko kideen artean ez zegoen kontsentsurik etorkizunari begira. Garapen Kontseilua galtzeko arriskua izan zen 2.010. urtean, gorabeherak eta tentsioak izan ziren, eta duda-muda franko gizarte zibileko eragileen artean. Gizarte zibila ordezkatzen duen Garapen Kontseilua jabetu zen berebiziko indarra biltzen zuela bere inguruan. Hartara, Garapen Kontseiluak herritarrei mezu hau helarazi zien: "Ezin dugu Pays egiturak eman duena baino gutxiago onartu". Garapen Kontseilua orduko lehen ministro Édouard Balladurrekin bildu zen Parisen. Garapen eta Hautetsien kontseiluko kideen aldetik (Parisko diputatuak eta senatariak barne) inoiz ezagutu gabeko ekimenak izan ziren. Jauzi kualitatiboa eman zen, jarrera politikoen aldaketa, bereziki. Euskal Herriko Hautetsi eta Garapen kontseiluak indartsu antzeman zituen Gobernuak, bere gibelean gizarte antolatua sumatu zuen. Gizarte eragileek akuilatua Garapen Kontseilua harago joateko prest agertu zen, euskal lurraldearentzat instituzioa ezartzeko eman beharreko urratsak negoziatzeko indartsu. Indar erakustaldi gisako hark, "bake moduko bat ekarri zuen" Iparraldean. Frantziako Lurraldearen erreformaren  "erasoa" aurrean, Garapen eta Hautetsien kontseiluen arteko hurbiltze gisako bat eman zen. Eraiki zorian dagoen instituzioa osatzeko estrategiak lantzen lagundu zuten jarrera berriek. 2.010. urtean proiektuaren aldeko lanetan murgildu ziren gizarte eragileak, Gobernuak ras-le-bol moduko bat ezarri nahi zuen: "Ikuspuntu juridiko batetik ez dago instituzio berezkorik ematea", erran zuen. Gobernuak Euskal Herria antzinako herrialdeen artean kokatu ohi du, euskal aldarrikapena Frantziako ordenamendu juridikoak eskaintzen duenaren markotik at ezarri du betidanik. Garapen eta Hautetsien kontseiluak eta gizarteko elkarteak negoziatzeko prest zeuden hala ere. Hartara, 2.011n, Estatuak berak gidaturik, eragile guztiak bildu zituen. Gizarte zibila eta hautetsiak proiektu kolektibo bat sortze bidean jarri zituen. Lurralde Kolektibitatea Estatuak eskainitako aukera ez zen aldarrikapenetan sartzekoa, edukietan baizik. Galdera nagusia hauxe izan zen: "Zer nahi dugu Euskal Herriarentzat?". Eragileak zortzi gairen inguruan ados jarri ziren: ekonomia, turismoa, laborantza, kultura, hizkuntza, etxebizitza, garraioa eta mugaz gaindikoa. Arlo horiek oinarri harturik, Lurralde Kolektibitatea deitu zioten ekimen berriari. Frantziako Konstituzioan badago artikulu bat, Kolektibitate espezifikoak  sortzeko aukera ematen dituena. Adibidez, Paris hiriburua. Kolektibitate espezifikoa da, departamendu bat eta hiri bat elkargo batean biltzen dituena. Korsika da bigarrena. Hirugarrena Lyon da. Azken honek departamendua eta aglomerazioa baterazi ditu. Euskal Herriko instituzioaren aldekoek formula hori onetsi zuten. Bi hilabeteko lanetan, beldurrik sortu gabe aritu ziren, isilean. Ezkerra, eskuina eta zentroaren kontsentsua bilatu zuten, baita lortu ere. Ia aho batez, Lurralde Kolektibitateari bai eman zioten. Garapen eta Hautetsien kontseiluak, Batera plataforma, Baiona-Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbara eta gainerako eragileak batu, eta Erreforma Instituzionala ardura duen ministerioan aurkeztu zuten. 2013. urtea zen. Garapen Kontseiluak proiektua aurkeztu zion gizarte zibilari forum batean. Alabaina, Frantziako Gobernuak proiektua blokeatu zuen. Proiektuan engaiatuek diotenez, Gobernuak ez zuen Euskal Herria izena entzun nahi. Gobernuaren hitzetan, antzinako eskema eta betiko aldarrikapenak ziren. Lurralde Kolektibitatea errefusatu zuen. Alta bada, ekimena aurrekaria izan zen. Parisko Asanblea Nazionaleko –Kongresuan eta Senatuan– euskal diputatuek eta senatariak proiektuari atxikimendua eman zioten. Lehen aldiz, ordura arte zatitua zen Euskal Herria, proiektu baten inguruan batu zen.   Lurralde Kolektibitatearen egitasmoa bertan behera geratu zen. Anartean, gobernu aldaketa izan zen. Jean-Marc Ayrault lehen ministroak halaxe erran zuen: "Ez dago Lurralde Kolektibitaterik, baina Kontratu berri bat izenpetu daiteke". Premisa bezala hauxe gehitu zuen Ayraultek: "Horretarako elkarrizketa politiko berri bat sortu behar da". Lehen ministroak berak izendatu zuen egungo Pierre-André Durand prefeta. Prefetak erran zuen "proposamenak" zituela egiteko. Urte bat joan zen, tarteko herriko bozak zirela eta. Garapen Kontseiluko kideek "zer da egungo erreforma?", galdetu zioten prefetari. Hari entzun ondoren, lurraldeen erreforma, herrien arteko erreforma gisa ikusi zuten. HELEP delakoa zirriborratu zuten nolabait. Euskal Herriko hamar Herrien Elkargoak Elkargo bakar batean bildu litezkeela ikusi zuten. Abertzaleek ez zuten proposamena begi onez ikusi. Jende asko eszeptiko agertu zen. 2014an, Garapen Kontseiluak Durand prefetaren bisita izan zuen. Garapen Kontseiluko zuzendari lanetan ari den Philippe Arretzek erran digunez, prefetak erronka edo txantxa gisako bat egin zion Garapen Kontseiluari: "Lurralde Kolektibitatea aldarrikatu duzue, eta Estatuari betetzeko eskatu ere. Baina, gauza al zarete HELEP antolatzeko. Zuen artean moldatzeko?". Prefetaren irribarrean kitzikatzeko gogoa ikusi zuten Garapen Kontseiluko ordezkariek. Prefetak ez zekien nonbait, Euskal Herriko gizartea mende erdi bat ari dela berezko instituzio baten alde buru-belarri, halaber, Garapen Kontseilua duela 20 urte ari dela lanean. Prefetak ez zuen pentsatzen HELEP bezalako ekimena bururaino eramateko gauza izango zirenik. Ekimena abian jartzeko bi baldintza jarri zituen, herrien eta biztanleriaren erdia baino gehiago alde egotea.   Garapen Kontseilua ez da aski baloratua izan gizarte sektore batzuen aldetik. Herritar, elkarte eta eragile askoren ustez, Garapen Kontseiluak lan asko egiteaz gain, ikasi du elkarrekin lan egiten, eragileak eta hautetsiak elkarrekin lanean jartzen. Garapen Kontseiluaren metodoak eta bitartekoak, herritar eta erakundeen sentsibilitateak akordiora eramaten erakutsi duen ahalmena errekonozitu zaio orain.   Garapen Kontseiluko kideak, 2015eko ekainean, HELEP abiarazteko legea bozkatzean, ez ziren guztiz ziur. "Aitzina, zergatik ez?", pentsatu zuten. Ez zela idealena izango, baina berezko instituzioa lortzeko lehen urrats bezala baloratu zuten. Orduantxe, mundu abertzaleak ulertu zuen bazela jokatzeko partida moduko bat. Funtsean, sortuko dena instituzio politiko bat delako. Hasteko, Euskal Herriko beste instituzioekin lan egin dezakeena. Onarpen gisako bat izan zen. Garapen Kontseiluak eragile guztiei galdeturik bozkatu zuen eta HELEPren aldeko baiezkoa nagusitu zen. Hautetsien Kontseiluan berriz, gehiengoak alde bozkatu zuen, baina ez kontsentsuz. Hautetsien artean ez da adostasunik inoiz izan. Lanean jarraitu zuten iragan urteko martxora arte; iragan udazkenean bozketa positiboa izan zen. Udaberriko bigarren bozka eman orduko, proiektua aurrera eramatea baimentzen zuen bozaldia ezagutu bitartean, Garapen Kontseiluko kideek informazio asko eta ongi funtsatua eraman zuten herriko etxeetara, hautetsiek beldurrik gabe bozka zezaten. Iazko udazkeneko aldeko jarrera berretsi da udaberri honetan. Helegite hierarkikoa    Durand prefetak jarri zituen baldintzak bete ondoren, hau da, herrien eta biztanleriaren gehiengoa alde daudela jakindakoan, Hautetsien Kontseiluko partaide diren 60 hautetsi inguruk helegite hierarkiko bat jarri dute HELEPren aurka. Hautetsi hauek, Euskal Kosta-Aturriko Herri Elkargokoak (Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarte) eta Amikuzeko Herri Elkargokoak dira. Hala izanik ere, barnealdeko bi hautetsik (Barthelemy Aguerre eta Lucien Delgue) baino ez dute aurpegia eman. Herri Elkargoaren desmartxa barne-barnetik segitzen dutenentzat ez da ustekaberik izan. 2015eko udatik horiek ez daude ados. Hautetsien Kontseiluan escrache moduko bat egin dute harrezkero era sofistikatuan. Gutxiengoa da, baina ahalmen handiak dituzte. Lobby modukoa da eta presio handia egiten ari dira Parisen. Euren argudioen artean, itsasalde eta barnealdeko herrien eta biztanleriaren artean desoreka dago. Zaila ikusten dute tokian tokiko enpresei ezarri behar zaien fiskaltasuna modu orekatuan ezartzea. Adituek diotenez, normalean helegite administratiboak ez du bide egiterik. Alabaina, helegiteak auzi-prozesal bidean segi dezake aurrera. Hauek lirateke auzi-prozesala abian jartzeko argudioak: "Lurraldea bi partetan banatuta dago nabarmen, hiria eta barnealdea. Itsasaldea gainpopulatua dago eta barnealdea herri txikiz populatua. Hartara, landako hautetsi kopurua handiagoa da, eta desoreka dago". Elkargoa osatzeko batzordea osatu da Hautetsien Kontseiluko eta gaur egungo hamar elkargoetako kideek parte hartuko dute Herri Elkargoaren osaketan. Haatik, Euskal Kosta-Aturriko kideek lortu dute ordezkaritza zabalena izatea: Euskal Kosta-Aturriko zortzi kide, Hautetsien Kontseiluko lau, Hego-Lapurdiko lau, eta bertze zortzi herri elkargoetatik bina kide. Garapen Kontseiluko eta Auzapezen Biltzarreko presidenteek ere parte hartzen ahalko dute batzordean, baina soilik iritzi emaile gisa. Antza, Euskal Kosta-Aturrik nagusitasuna lortzea, aurka daudenak kontentatzeko moduko keinua izan da, herri kopuruaren desoreka aintzat hartzeko modua. Hedabideetan zabaldu diren berrien arabera 60 hautetsi inguru daude helegite hierarkikoaren atzean, baina ez dute beren burua ezagutzera eman. Batzordean dauden horietako batzuk izan litezke. HELEPren aurkako helegitea jarri dutenen nahia hauxe izan daiteke: Konstituzio Kontseiluak auzibidea hartzea; honek HELEP osatzeko baliatu den legea deusezta lezake. Garapen Kontseiluan ez dute ezinezko ikusten Konstituzio Kontseiluak epaia berrikustea. Kontrakoak isilean daude, baina teman segitzen dute. Gerta daiteke. Itxura batez, HELEPren aurkakoek ez zuten espero ekimenak gehiengoaren babesa jasotzea. Aldi berean, aldekoek ez dute aurkakoen jarreran konfiantzarik. Politikan, elkarren arteko konfrontazioetan, badaude alde bakoitzekoei eskuetatik joaten zaizkien gauzak. Helegite hierarkikoarekin hasi dena, auzi-prozesala bihurtu daiteke. Adibidez, Angeluko Claude Olive eta Miarritzeko Michel Veunac auzapezak ez dira ofizialki kontra, eta publikoki adierazi dute ez dutela parte hartu helegitean. Aldiz, hainbaten ustez, ofizialki egon gabe, aurka ari dinenengan eragiten dute. Angeluko Guy Lafitte hautetsia, esaterako, helegitea aurkeztu dutenen artean dago. Bi auzapezen ingurukoa da. Gizarte eta elkarteetako eragileen ustez, "hiri handietako auzapezak herri txikietako hautetsiez trufatzen dira. Ofizialki ez dute aurkeztu kontrako helegitea, baina barnealdeko hautetsien bitartez egin dute". Euren ustez, HELEP desmartxa ez da jukutria politikoetatik guztiz libre. HELEPren aldeko abertzaleen esanetan, berau gauzatzea borondate kontua da, baina hautetsi batzuek ez dute Ipar Euskal Herria instituzio bakarrean ikusi nahi, edo ez dute behintzat harengan sinesten. Euskal Herria maite dutela diote, baina ez dute politikoki eratua ikusi nahi. Gainera, ez dute esaten argi eta garbi. Euskal Herria osotasunean ezin dute ikusi. Lurraldea ez badute bihotzean, hura politikoki osatuz gero arrotz sentituko dira. Garapen Kontseiluan lanean ari diren batzuen ahotik honelakoak ere aditu ditugu: "Hautetsi horiek beren burua Euskal Herritik at daukate. Identitate arazoa dute, edo euskal identitatearekiko errezeloa. Aiher direla esatea sobera da, baina ezin dute Euskal Instituzioa berentzat hartu". Herri etxeetako bozketen emaitzen mapa interaktiboa . Mapa interaktibo eta eguneratua .
news
argia-1a645001e41d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/baratze-komunala.html
Baratze komunala
Garazi Zabaleta
2016-06-19 00:00:00
Baratze komunala Marinel-herri izateagatik da ezagun Lekeitio (Bizkaia) gurean: portua, arrantzaleak, hondartzak, turistak... Bestalde, lurrarekiko loturaz ere aberastasun handiko herria dela azaldu digu Lekitto Bedarra taldeko kide den Julian Arratek: "Lekeition ortugintzarako kultura handia egon da betidanik, eta hori elikatzeko eta sustatzeko ideiarekin batu ginen gu". Duela lau urte taldea sortzeko asanblada deitu zutenean 50 pertsona baino gehiagok erantzun zioten deialdiari. Interesa bazegoela ikusita, antolatzen hasi ziren, egun Usotegi parkea dena lortzeko pausoak ematen. Norbanakotik kolektibora Usotegiko parkeko lurrak Lekitto Bedarrari utzi zizkion Udalak taldearen eskariari erantzunez. "Herrian ortu txiki asko daude, familiakoak, baina guztiak hormaz inguratuta egoten dira eta barruan bakoitzak nahi eta ahal duena egiten du". Usotegiko lursaila komunean lantzean, jendeak beren esperientziak, haziak eta landareak konpartitzen ditu komunikazioa eta elkar laguntza bultzatuz. Parte hartzaileen adinaz eta soslaiaz galdetuta, 20 urtetik 60 arteko tartea aipatu digu taldeko kideak, eta pasarte polita gehitu: "Aitona bat bere bi ilobekin etortzen da parkera, hor ikusten dituzu haurrak ere aitzurrarekin, aitona aholkuak emanez". Jende nahasketa hori egotea aberasgarri dela dio Arratek, harremanak sendotzeko eta jakintzen transmisioa egoteko. Larunbatero hutsik gabe egiten dituzten auzolanez gain (gaur belarra moztu, bihar hazitegiak prestatzen ikasi, etzi tomate edo piperrak erein), bestelako ekimenak ere antolatzen ditu Lekitto Bedarrak: ikastaroak, hitzaldiak, Usotegi eguna; ikasiz eta gozatuz, aldi berean. Auzolana bide Hasieratik, lursaileko lanak auzolanean atera dituzte aurrera Lekitto Bedarrakoek. Izenak dioen bezala, garai batean uso-tokia zen parkea, eta hegaztiak egoten ziren dorrea dago bertan. "Dorrea erabat zahartuta zegoen, erortzen hasia. Auzolanean hasi ginen konponketa lanekin, eta herriko zenbait igeltserok parte hartzea lortu genuen". Orain, konponketekin amaitu eta gero, dorreko beheko solairua erabiltzen dute taldekideek sukalde bezala, botika naturalak eta beren edabeak prestatzeko. Baratzea eta auzolana elkartzean lor daitekeenaren adibide polita Lekittokoa. Ziur barazkiek bestelako zapore bat hartzen dutela Usotegin...
news
argia-08d5a57ec003
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/mark-twain-eta-halley-kometa.html
Mark Twain eta Halley kometa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-06-19 00:00:00
Mark Twain eta Halley kometa 1835eko azaroaren erdialdean Halley kometa periheliora iritsi zen, hau da, orbitan Eguzkitik gertuen dagoen eta Lurretik hoberen ikusten den puntura. Handik bi astera, azaroaren 30ean, Samuel Langhorne Clemens jaio zen, gero Mark Twain ezizenez ezagun egingo zen idazlea. Kointzidentziaren jakitun, zera idatzi zuen 1909an, kometari 76 urte inguruko orbita osatzeko urtebete geratzen zitzaionean: "Halley kometarekin iritsi nintzen 1835ean. Datorren urtean itzuliko da eta harekin batera joatea espero dut. Zalantzarik gabe, Ahalguztidunak esan du: Horra hor fenomeno xelebre ulergaitz parea; batera etorri ziren, batera joan behar dute". 1910ean Halley kometa berriro azaldu zen zeruan eta periheliora apirilaren 20an iritsi zen. Twain biharamunean hil zen.
news
argia-2cae9689c5c7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/donibanez.html
Donibanez
Anuntxi Arana
2016-06-19 00:00:00
Donibanez Aspaldiko ekainaren 23 batean, Espainiatik etxerakoan, trenak Euskadiko muga zeharkatu zuen iluntzean eta suak ageri ziren eskuin-ezker, herri guztietan. "Magikoa zela" esango genuke orain; eta hala izan da beti, nahiz, antzina, magiaren zentzua ez zen hain lirikoa, oso pragmatikoa baizik, errealitatea baldintza zezakeen jarduera. Festa lardaskatzaile iruditzeko arriskuan ere, esan behar da Donibane gaueko alamartxoetan ez zela eguzkia gurtzeko edo bere ibilbidean laguntzeko asmorik nabaritzen. Suak ez ziratekeen ere pena-doloreez gabetzeko eta traste zaharrak botatzeko erraustegiak: trasteak birziklatu egiten ziren gehienak eta suen helburua izaki kaltegileak suntsitzea zen batez ere. Gosea eta eritasuna ekartzen zituzten gaizto eta zitalak oro, harri erauntsi eta ekaitz egileak, begizko jaurtitzaileak, horiek akabatu nahi zituztela aldarrikatzen zuten, bai hitzez eta bai jestuz, "apoak eta sugeak erre, garia eta artoa kutxan gorde" kantatuz, sorgin itxurako panpinak errez. Ideiak iraun du: maiatzean, Frantziako lan erreformaren kontrako manifestariek, Albi hirian, su eman zioten François Hollande eta lagunen erretratuei, gaiztaginak direlakoan Ideiak iraun du: maiatzean, Frantziako lan erreformaren kontrako manifestariek, Albi hirian, su eman zioten François Hollande eta lagunen erretratuei, gaiztaginak direlakoan. Kiskaltze sinbolikoak, beharrik, garai batean egiazki erretzen baitziren ustezko sorginak eta, XIX. mende arte, sugeak, katuak eta beste deabruzko animaliak. Pragmatismoak ez zien jendeei galarazten suen ederraz gozatzea eta jokoetan loriatzea. Orozkon, soroetara gurutze babesleak plantatzera joaten zirenean, suzi piztuak eramaten zituzten eskuan eta firrindaka erabiltzen zituzten, txinpartazko gurpilak ateratzeko moduan. Eta dena bukatutakoan, pozik itzultzen ziren etxera, erritoa ondo bete-eta, uzta ona lortuko zuten itxaropenez. San Joan gauak eta egunak daukaten aparteko bertutea landare eta uretara ere pasatzen da. Irudiz ez eguzkiak emana, hura ageri baino lehen batu behar baitira belarrak, edo berdin ihintzetan ihalozkatu. Txarrerako baliatzen omen zuten sorginek bertute hori, eta gau osoan ibiltzen ziren ukendurako gai pozoitsuak nola bildu. Jende onek tiroz eta kanpai hotsez uxatzen zituzten. Eta gaur egunean, alamartxo osasungarriaren gainean jauzi egiten dute; baita kean pasatzen ere lore-sorta, indarrez areagotu eta ate aurrean ezarririk, etxea zain dezan. Noizbait Elizak onartu zituen errito horiek eta maiz bedeinkazioa gaineratu zien. Askoz geroago, new age iragan da ororen gainean eta xedeak desmaterializatu dira: gosetik libratu eta ongizate zoriontsua bilatzen da nagusiki. Eta horrela menderik mende, noiz bil eta noiz utz, egundaino iritsi da Donibane jaia, guztien pozgarri eta urte askotarako.
news
argia-ab04c4097039
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/izaro-antxia-futbol-areto-jokalari-transexuala.html
"Ez nintzen okerreko gorputzean jaio"
Jabi Zabala
2016-06-19 00:00:00
"Ez nintzen okerreko gorputzean jaio" Areto futbol partida baten harira izan genuen askok Izaro Antxiaren berri. Apirilean jokatu zuen estreinako partida emakumezko moduan Leioa Maia taldearekin. Ofizialki onartua izateko prozesua ez ezik, aurretik bizi izandako beste prozesu batzuk izan ditugu hizpide behinola Gorka izena izan zuen Portugaleteko informatikari honekin: bere buruaren eta besteen onarpena. Ideia sendoak agertzen ditu gizarteaz, feminismoaz eta berdintasunaz. Noiz hasi zinen pentsatzen ez zegokizun multzoan zeundela? Eskolan ez nuen ondo pasatzen, ez nien aurre egiten eta, aurre eginez gero, jotzen ninduten. Sexu identitatea gordetzen nuen orduan; hala ere, bullying-a jasotzeko ez duzu zertan homosexuala izan, ezberdina izatea nahikoa da. Banekien zerbait gertatzen zitzaidala, baina 7-8 urterekin ez nekien zer zen. Sexu orientazioarekin ez zenuen lotzen oraindik. Institutu garaian izena jarri nion, telebistan ikusitako dokumental bati esker. Hala ere, ez nentorren bat bertan orientazio sexualari buruzko estereotipoekin, gizon transexual bati derrigorrez gizonak gustatu behar zaizkiola-eta. Zalantzak nituen horregatik, baina azkenean gaia atera zen, are indar handiagoarekin. Oso txarto pasatu nuen orduan, bizitzen jarraitzeak merezi ote zuen zalantza... Aurrera jarraitu zenuen baina. Aurrera jarraitzea erabaki nuen, informazioa bilatzen, beste transexual batzuei galdetzen. Banekien pertsona bati kontatu orduko egia bihurtuko zela, hor hasiko zela prozesu bat. Apurka joan naiz hobeto sentitzen, lehen goibel agertzen nintzen argazki guztietan eta orain irribarretsu ikusten dut nire burua. Nerabezaroan aldaketa nabariak izaten dira, eta pentsatzen nuen: nola izango naiz emakumea gorputz honekin? Zure gorputzarekin adostasuna bilatu duzu? Gaur egun badakit aldatu ezin ditudan gauza batzuk badirela. Ezin duzu 18 urtetik 68ra ebakuntzak egiten egon. Jakin behar duzu zure ezaugarriak zureak direla eta batzuk ezin direla aldatu. Hedabideetan agertu izana baliagarria izan zaizu zure buruarekin ados egoteko? Egia esan, ez nuen ezer berretsi behar. Nire ametsa futbolean jokatzea zen. Kirolak indarra eman dit, txikitatik. Nire bizitzatik alde egiteko modua izan da. Azken urtean, entrenatzen hasi naizenetik, indarra eta jokatzeko grina sentitu ditut. Federazioarekiko arazoa ez da izan hain handia, NAN agiria behar nuela esan zidaten. Paper baten gorabeheran, pertsona bera izan arren, horrela ibiltzea... Nahiko tristea da. Orduan prentsan agertzearen helburua beste batzuk animatzea izan da? Bai. Nik ez dut izan onurarik agertzeagatik, are, estresa jasan behar izan dut; baina orain 40 edo 100 lagun gara eta babesa behar dugu. Hemen ondo gaude, baina Burgosera bazoaz ez du balio. NAN berriarekin federaziora jo nuenean ez zidaten inolako arazorik jarri. Lagun asko daude, adingabeak tartean, euren gustuko kirola egin ezin dutenak. Federaziora bazoaz, Alazne izena eduki arren, ez zaituzte onartuko, NANeko generoa bakarrik onartzen dute. Futbolaren erabilera sozial anestesikoa ere salatu duzu, eskubide kolektiboengatik ez borrokatzeko aitzakia dela. Ez, jende guztiak behar du arazoak alde batera uzte hori. Beste gauza batzuengatik egin behar zaio kritika futbolari: klubak diruagatik dabiltzan enpresak dira. Futbola batzuetan babes moduan erabiltzen dugu eta ondo dago hori, baina lana galdu duenari ez zaio hori ahaztuko. Feminismoaren kontraesanez ere idatzi izan duzu. Oihartzuna izan du testu horrek. Ni Portugaleteko mugimendu feministan ibili nintzen eta mugimenduen barruan jende guztiak ez dira berdin hartzen. Bisexualen aldeko aldarria sartzea faltan sumatu nuen ekainaren 28aren inguruko manifestu batean eta jada eztabaidatua eta erabakia zegoela esan zidaten. Zergatik ez bisexualak babestu? Eta zergatik ez asexualak ere bai? Pertsonak jarri behar ditugu mugimenduen aurretik, jakin behar dugu noiz ari garen bestea zanpatzen. Dogmak ikusten dituzu hor ere, beraz? Zergatik naiz feministagoa depilatzen ez banaiz? "Patriarkatuaren eragina" omen... Tira, motibo asko izan ditzakezu, baina ez dira aintzat hartzen, jendea baztertzen da, are, gaizki sentiarazi. Feminismoak hori ikusi behar du. Zergatik ezin naiz ama izan? "Inposatutako rolak" onartzea dela diote. Beraienak ere inposatutako rolak dira, feminista batek nola pentsatu behar duen ezartzen dutelako. Ez esan gero guztion arteko berdintasuna bilatzen duzula, askatasuna ez baduzu bermatzen ez duzu berdintasunik nahi. Estereotipo asko daude transexualitatearen inguruan? Trans identitateak ez dira pertsona transexualak bakarrik, badira transgeneroak, trabestiak... Baina denak multzo berean sartu ohi dituzte. Adibidez, trabestien inguruan entzun duzunaz bakarrik baliatuta ez duzu askorik jakingo. Elkarren oso ezberdinak dira, homosexual edo heterosexualak dira.... Jendeak informaziorik gabe hitz egiten du, errazegi. Sexu aldaketaz hitz egitean, "okerreko gorputzean jaio zen" gisako esaldiek ez dute zentzurik. Ni nire gorputzean jaio nintzen, eta ordutik sexu berdinekoa izan naiz. Sexu berrezarpena egingo duzu, hala ere. Nire gorputzarekin ez naiz ondo sentitzen gerritik behera, nire sentitzen ez dudan gorputz atal bat ikusten dudalako, baina ez naiz horregatik okerreko gorputzean jaio. Ondo sentitzeko egingo dut, aldagela batean sartzen naizenean ez zait gustatzen hori erakustea, ezkutatzen dut, inguruko guztiek dakiten arren. Konplexua kentzeko gogoa dut, eta ebakuntza egindakoan kenduko dut, ez da bidearen amaiera izango baina bai urrats bat.
news
argia-ac2562e4d016
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/ekonomia-ostu-zigutenekoa.html
Ekonomia ostu zigutenekoa
Lander Arretxea
2016-06-19 00:00:00
Ekonomia ostu zigutenekoa Bi pauso nahikoa dira ekonomia adituek landu beharreko gai konplexua dela sinestarazi eta jarrera kritikoa itzaltzeko. Bat: ezinbestekoak diren oinarrizko ezagutzak hezkuntza publikotik kanpo utzi. Eta bi: lantzen denean, ikuspegi neoliberala egia absolutu gisa aurkeztu. Hartu edozein hauteskunde programa eta irakurri puntuz puntu. Uler liteke proposamenen mamia zerga bakoitza edo pentsio sistema zer den argi izan gabe? Jar al ditzake zalantzan Europako Banku Zentraleko handi-mandien adierazpenak beste eredu batzuen berri ez duenak? Sekula oinarrizko formaziorik jaso ez duenak, badaki kontratu, mailegu edo dena delako batean bere izena jartzean, zer demontre ari den sinatzen? Bada, salbuespenak salbuespen, ez; eta hala ere, urtero-urtero milaka nerabek institutua uzten dute sistema ekonomikoaren gorabeherak ulertu eta iritzi propioa garatzeko adinako ezagutzarik jasotzeke. Enekoitz Etxezarreta EHUko irakaslea eta GEZKIko (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) partaide da. Dioenez, ekonomiaz edozer entzutean, ulertzeko zaila den gauza baten aurrean dagoela sentitzen du jende askok, eta hori ez da kasualitatea. "Behar baino gehiago bihurritzen da diskurtsoa, hizkuntza lar teknikoan plazaratzen dira berriak, jendeak distantzia har dezan eta ekonomiak bere arauak dituela ondoriozta dezan. Ekonomia beti da 'aditu horiek' ezagutzen duten zerbait". Gizarte ekonomiak aldiz, justu kontrakoa erakusten duela uste du: ekonomia gure esku dagoen zerbait izan daitekeela, kolektiboki erabaki sozioekonomikoak hartzeko eta eragiteko gaitasuna dugula. Oinarrizko ezagutza bermatzea ez da nahikoa Derrigorrezko hezkuntzatik lan handia egin daitekeela dio Etxezarretak, bai ekonomia pertsonengana gerturatuz, baita balio konkretu batzuk "sen oneko" gisa identifikaraziz ere. Uste bertsukoa da Leire Uriarte MUko irakasle eta LANKIko (Mondragon Unibertsitateko Lankidetzaren Ikertegia) kidea. Hezkuntzaren bidez ekonomiaren inguruko oinarrizko ezagutza bermatzea ezinbestekotzat du, baina garrantzitsua iruditzen zaio hori zein ikuspegitatik lantzen den ere zehaztea. "Hegemonikoa ez den pentsamendu ekonomikoak lekurik ez badu, munduaren gaineko ikuspegi partziala ematen ari gara, sistemarekin bat datorrena. Ez badiegu krisi ekologikoaz eta desberdintasunez hitz egiten, ze pertsona mota ari gara hezten?". Ekonomia berreskuratu eta bizitzaren zerbitzura jarri beharra dagoela dio Uriartek. "Fenomeno ekonomikoek bizitza propioa dutela uste dugu, horrela aurkezten digutelako, eta ez ordea, gizakion esku hartze eta erabakien ondorio direla. Hori garbi ikusten ez bada, nekez sinets dezakegu ekonomia egiteko moduak alda daitezkeela". Unibertsitatean ere, akritikotasuna nagusi Derrigorrezko hezkuntzan ekonomiak duen paper urriak desinformazioa dakar, eta oinarrizko ezagutzarik gabe, zaila da gero ikuspegi kritikoa garatzea. Baina goi eta erdi-mailako ikasketak egiteko ekonomia zehar-lerro duen bideren bat hautatu dutenek ere, apenas aurkitu duten euren begirada kritikoa zorrozteko tresnarik. Paulo Guridi bilbotarrak EHUren Sarrikoko fakultatean ikasi zuen Ekonomiako Gradua. Han ikasitako kontzeptuek egia enpirikoaren forma hartzen dutela dio, hala ez badira ere. "Neoklasikoa edo keynesiarra bezalako korronteek esaten dutena errepikatu eta aplikatzera bideratua dago, gogoeta pertsonalerako oso tarte txikia utzita". Graduan aurkitu ez zuen horren bila egin du ondoren Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko masterra, eta kontraste handia sumatu du. "Irakasleak, kasu askotan, berberak dira, baina askeago sentitzen dira  euren iritzia emateko, eta ekonomiaren hainbat aspektu kritikatzeko gune eta dinamikak sortzen dituzte". Marina Sánchez: "Propaganda neoliberal erabatekoa da ekonomia fakultateetan ikasten dugunaren %90" Ez da soilik Euskal Herriari eragiten dion gaitza. Marina Sánchez valentziarra ekonomia feministan aditua da, ez ordea Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Graduan ikasi zuenari esker. "Propaganda neoliberal erabatekoa da ekonomia fakultateetan ikasten denaren %90. Asko jota kurtso bakoitzeko ikasgai bakarrak biltzen ditu bestelako ikuspegiak, eta azaletik gainera". Ernai antolakundeak gonbidatuta zenbait hitzaldi egin ditu egunotan Euskal Herrian: estalpean geratzen den soldataz kanpoko lanez, bizitzaren jasangarritasunaz… Eta hori guztia ere ekonomia badela aldarrikatuz. "Horrek, esaterako, ez du apenas lekurik unibertsitateetan". Irakasle batekin elkarlanean ekonomia kritikorako talde bat sortu zuten lehenengo ikasturtean, eta horri esker unibertsitatean baino askoz gehiago ikasi duela dio. Salbuespenak egon badaude Badira egoeraren larriaz jabetuta bestelako bideak lantzen ari direnak. GEZKIren funtzioa, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaskuntza eskaintzan Gizarte Ekonomiaren inguruan dagoen hutsunea betetzen laguntzea da. Hala dio Etxezarretak. "Gizarte ekonomiak, eta nagusiki kooperatiben mugimenduak, Euskal Herrian izan duen garrantzia kontuan hartuz, ez da zentzuzkoa unibertsitateko programetan hain presentzia eskasa izatea". Alde batetik, GEZKIko kide gehienak graduetako irakasle diren neurrian, gizarte ekonomiaren gaiari tokia egiten saiatzen dira: euren irakasgaietan tarte bat eskainiz, kanpoko hizlariak gonbidatuz edo gradu amaierako lanetarako gaiak proposatuz, besteak beste. Eskaintza formal horretaz gain, prestakuntza osagarria eskaintzen diete ikasleei, urte luzetan zehar antolatu izan dituzten jardunaldien bitartez. Beste sail eta institutu batzuekin lankidetzan aurrez aipatutako "Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa" graduondoko unibertsitate masterra ere eskaintzen dute. Hezkuntzarekin zuzenean lotutako graduetan ere ari dira ekonomiaren inguruko hausnarketei tokia egiten, bai behintzat Mondragon Unibertsitatean. Lan horretan dabil Leire Uriarte. "Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza graduan, bigarren mailan, eskola eta gizartearen arteko lotura lantzen dugu. Eskolaren erronken inguruko gogoeta egiten dugu gaur egungo gizarte aldaketen testuinguruan. Gizarte joera nagusiak ulertzea ezinbestekoa da eskolaren gizarte funtzioen gaineko hausnarketa egin ahal izateko, eta gizarte dinamiken baldintzatzaile handienetarikoa da ekonomia". Kapitalismo neoliberalaren ezaugarriak eta eragina aztertzeaz gain, saiatzen dira bestelako egiteko moduak badaudela erakusten, Uriartek azaldu duenez: "Ekonomiak izan beharko lukeen helburuaren inguruan ere hausnartzen dugu: zertarako ekonomia? Gizartearen beharrei erantzuteko edo ahal beste irabazi lortzeko?".
news
argia-ddb920976249
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/errauskailua-geldiarazteko-esperantza-sortu-da.html
Errauskailua geldiarazteko esperantza sortu da
Xabier Letona
2016-06-19 00:00:00
Errauskailua geldiarazteko esperantza sortu da JOSE IGNACIO ASENSIO Gipuzkoako ingurumen diputatuak SER katean joan den astean egindako elkarrizketan esan zuen bere aurretik hitz egin zuten medikua eta zientzialaria ideologizatuak zeudela. José Cruz Ruiz Villandiego Donostiako Quirón Ospitaleko Estomatologia eta Odontologia zerbitzuko zuzendaria zen bata; Fernando Palacios bestea, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko kidea. Bien ustez, errauskailuak arriskutsuak dira osasunarentzako. Asensiok berea defendatzea logikoa da, elkarrizketak erakusten zuenez oso argudio makalekin bada ere. Baina bego, bere iritzia da. Horren logikoa ez dena entzulea lerdotzat hartzea da, eta horrela esan gabe ere, Villandiego eta Palacios ideologizatuak zeudela aipatzean, horixe egiten ari zen. Patronalak sindikatu borrokalarienei buruz dioen bera da: "Horiek ideologizatuak daude". Edo UPNk, PSNk, PPk eta Ciudadanosek Iruñeko haur eskolen aferan hainbat gurasorekin udal agintarien aurrean zera aldarrikatzen dutenean Udaletxe Plazan: "Hezkuntza apolitikoaren alde". IMANOL LASA Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak ere antzekoa egin zuen maiatzaren 28ko Donostiako giza kate arrakastatsuari erantzunez:  "Errespetatzen ditut herritarrak, baina kanpaina horren atzean intentzionalitate politikoa eta ezker abertzalea daude". Herritarrekiko begirunea agertu zuen, baina ez Ahal Dugu, Ezker Anitza, Greenpeace edo giza katea sostengatu zuten beste hainbat erakunderekiko. Egia esan, "dena da ETAk" funtzionatu bazuen, zergatik ez "dena da ezker abertzalea" merke horrek? Ideologiez gain, Zubietako errauskailua "zaborren arazoa" konpontzera datorren mirari gisa saltzeak asko esaten du hainbat politikarik herritarren mailaz duten iritziaz. Ideia horrek, hala ere, indarra izaten jarraitzen du, besteak beste halako mezua dutelako El Diario Vasco edo Diario de Navarra moduko hedabide sistemikoek. Milaka herritarrek sinesten du haien egian, baita haien ikuspegi espainiar, eskuindar eta monarkikoaren aurkakoak badira ere. Dozenaka batzuk dira goizetan, ehunka arratsaldetan, milaka batzuetan… eta beste milaka askoren irribarrea pizten dute maiz Gipuzkoa Zutikekoek bizitzaren aldeko ideologia aldarrikatzen dute, pozik, temati eta jantzi. "Lehengo garaiekin" lotzen saiatu izan zen berriro ere Imanol Lasa, baina mugimenduaren urratsak jarraitzen dituenak iraganeko borroka askoren aztarna gutxi aurkituko ditu: suziriz baino, dantzekin erantzuten diote Ertzaintzari; alaitasunetik eta jakintzatik erakarri nahi dute herritarra politikara, Andoni Egañak haiei buruz idatzi berri duen gisan "politika zentzurik sustraienekoan hartuz". Erraustegiaren aurka bai, berau egungo sistemaren sinbolotzat hartuz, eta beraz, euren antikapitalismoa argi eta harro plazaratuz. Parisko Errepublikaren plazatik datorren "borroken elkargunea" eurena eginez; ideia esparru zabal bat bai, baina proposamen itxi eta zehatz barik. Azken helburuari baino bideari garrantzia emanez. Horizontaltasuna giltzarritzat joz. Komunikazioa eta sare sozialen ezagutza eta erabilera bikain baliatuz. Iragana? Gurako luke makina batek, baina Gipuzkoako Plazatik Bulebarreko haien ibilbideetan 15-M, Occupy Wall Street eta Nuit Debouten lurruna aireratzen da. Dozenaka batzuk dira goizetan, ehunka arratsaldetan, milaka noizbehinka… eta beste milaka askoren irribarrea pizten dute maiz. Erantzukizuna ere ez da makala, altxor txiki bat eraikitzen duenak, ardura handia baitu gero berau zaintzen. Nola bukatuko den? Inork ez daki, baina abiatu izana da garrantzitsuena. Ilusio eta kezka askoren sortzaile da Gipuzkoa Zutik, beste askorekin batera –mediku, guraso, Zero Zabor Taldeak, alderdi…– Zubietako errauskailu proiektua berriz ere geldiaraztea posible dela ikusarazi duelako. Gertatuko den, inork ez daki, helburu erraza ez da, baina eztabaida politikoa puntakoa da jada Gipuzkoa osoan. EAJk, PSE-EEk eta PPk jadanik ez dituzte arratoiak eta poltsa beltzak saldu behar askatasunaren sinbolo gisa; orain gero eta mamu handiagoa den errauskailua saldu behar da, eta hori ez da hain samurra. Errauskailuaren aurka ari diren medikuek bi hilabete daramatzate Asensio eta Markel Olano diputatu nagusiarekin bildu nahian. Zer zentzu du hausteskunde kanpainetan Gipuzkoako hamaika txokotan egotea bertakoekin argazkia eginez, eta halako eztabaida handian aktore nagusietako bat ez hartzeak? Hori ere politika zaharra da.
news
argia-86810ea3eec4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/zerk-eragiten-du-erleen-heriotza-masiboa.html
Zerk eragiten du erleen heriotza masiboa?
Garazi Zabaleta
2016-06-19 00:00:00
Zerk eragiten du erleen heriotza masiboa? Liztor asiarraren gaineko albisteak maiz entzun ditugu azkenaldian, erleen heriotzak eragin eta naturako katea arriskuan jarri dutelako. Baina, albistegietako titularretatik harago, zer dago benetan erleen desagertzearen atzean? Zein egoera daukagu hemen? Erlauntzara joan eta erleen erdiak baino gehiago falta dira. Egoera horrekin topo egin dute aurrez aurre erlezain askok azken urteetan mundu osoan. "Arazoa mundu mailakoa da, bai, baina ez da berdin gertatzen toki guztietan: gure inguruan ez daukagu problema larri hori", azpimarratu du Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak gaiari heldu baino lehen. Izan ere, duela hogei urte inguru AEBetan erleen galera masiboak gertatu zirenean hasi zen kontua komunikabideetan oihartzuna izaten. Europan ere, 1985etik erle arrunten (Apis mellifera) erlauntzen %25 galdu da batez beste, Greenpeacen txosten baten arabera. Hainbat herrialdetan galerak askoz handiagoak izan dira, hala nola Erresuma Batuan, erlauntzen %54 desagertu direlarik. Nekazaritza industrialarekin lotura estua   Erleen desagertzearen atzean dauden arrazoiak bilatzeko hamaika ikerketa egin dituzte mundu osoan. Ikerlariok erantzun argietara iritsi ez badira ere, faktore anitzek erleengan eragin zuzena dutela ondorioztatu dute: gaixotasunak, goseak eta pozoitutako landareek, besteak beste. Galartzak ere erleen galera faktore askoren ondoriozkoa dela azpimarratu nahi izan du, baina aldiz, azkenaldiko erleen desagertzeak nekazaritza ereduarekin lotura zuzena duela ere argi du: "Batetik, nekazaritza industrialak paisaian aldaketa ikaragarriak ekarri ditu, eta bestetik, erabiltzen diren produktuek ere eragin nabarmena dute erleengan".   Baina nola eragiten diete paisaian egondako aldaketek erleei? Lehen lorez betetako zelai txikiak eta basoak zeuden bezala, egun paisaia horiek monolaborantzako lur eremu handiek hartu dituzte kasu askotan. Aldaketa hori oso nabarmena izan da, adibidez, AEBetan, non 2006tik "maneiatutako erleen" %30-40 desagertu den "erlauntzen kolapso" (ingelesez CCD siglak, Colony Collapse Disorder) deituriko arazoaren ondorioz. "Aldaketa ikaragarria gertatu da han paisaian: nekazaritza industriala asko zabaldu da, batez ere artoa eta antzeko monokultiboak, eta horrek zer dakar atzetik? Pestiziden erabilera, intsektizidak...". Intsektizidak, erleentzako pozoi Neonikotinoide familiako intsektizidak dira erleentzako kalterik handienak eragiten dituztenak. Horien artean, Greenpeacek ondorengo zazpi hauek izendatu ditu arriskutsuenen artean: imidacloprid, tiametoxam, clotianidina, fipronil, clorpirifos, cipermetrin eta deltametrin. Zuzenean debekatu beharko lirateke produktu horiek guztiak, erakunde ekologistaren ustez.   Intsektizida horiek xurgatzean, normalean, erleak ez dira momentuan hiltzen, dosia 'baxua' izaten baita heriotza azkarra eragiteko. Ordea, epe luzeagoan, produktuok erleen portaeran aldaketak dakartzate haien nerbio-sistema zentrala kaltetuz: eragin fisiologikoak, mugikortasun eta orientazioan kalteak edota elikadura eta ikasteko ahalmenean arazoak, besteak beste. Modu horretan, pozoitutako erleak desorientatu egiten dira eta ez dira gai erlauntzera bueltatzeko. Emaitza: erlauntza erdi hutsak, erle hilak. "Erleak momentuan hiltzen ez direnez, produktuak merkaturatzeko egiten dituzten probetan substantziok onargarriak direla ondorioztatzen dute. Ez dute neurtzen, aldiz, epe luzera zein eragin duten", salatu du Galartzak. 2013tik Europar Batasunean hiru neonikotinoideren erabilpena partzialki debekatuta dago (tiametoxam, imidacloprid eta clotianidina) erleei eragindako kalteak frogatuak izan direlako. Produktu horiek ezin dira erleentzako erakargarriak diren laboreetan erabili.   Erlezainek, neurriak hartzea onuragarria izanik ere, nahikoa ez dela uste dute, produktu batzuk merkatutik kendu baina beste batzuk sartzen baitituzte jarraian. "Bayer, Syngenta eta halako enpresek ekoizten dituzte plagizidak. Boterearen aurka ari gara, eta multinazional handi horien aurrean erlezainak ez gara inor", dio Ainhoa Tolosa Gipuzkoako Erlezain Elkarteko idazkariak.   Eta, orduan, zein da irtenbidea? Erantzuna, argi du Galartzak, jendartearen esku dago hein handi batean: "Gaurko bizitza ereduaren ondorio da erlen galera ere, kontsumo ohiturei lotuta dago. Janari merkeak nahi ditugu, nola ekoitzi diren axola gabe... Denok bertakoa jango bagenu, inguruko baserritarrek modu iraunkorrean egina, arazo hauek ez lirateke existituko". Bai, betikora goaz berriro ere. Eta baratzezain txikiok, zer? Plagiziden erabilpenaz ari garenean, segituan etortzen zaigu nekazaritzako latifundiodun enpresa handi bat burura. Baina, zer dagokigu etxe atarian baratzea edo lorategia dugunoi? Proba txiki bat egin dugu: lorezaintzara zuzendutako supermerkatu ezagun batean intsektizida bila hasi, eta azkarren aurkitutako hamar produktuetatik lauk erleentzat "toxikotasun altuko" osagaiak dituztela ohartu gara (clorpirifos, dimetoato, abamectina). Azkenaldiko erleen desagertzeak nekazaritza ereduarekin lotura zuzena duela argi du Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak Zer esan nahi du horrek? Bada, norbanakook ere badugula zer egina kontu honetan. AEBetako ikerlari talde batek zera gomendatu zuen: nork bere etxean edo lorategian erleentzako onuragarriak diren landareak jartzea, eta noski, herbizida, intsektizida, fungizida eta biozida horiek guztiak alde batera uztea. "Bio bizitza bada, eta zida hiltzen duena, bizitzaren hiltzaileak dira produktuok", dio Galartzak. Alde guztietatik kolpatuak Lehenago esan bezala, hala ere, plagiziden erabilpenaz gain faktore ugari daude erleen desagerpenean eragina dutenak. Gurean, erleen gaixotasuna da arazorik handienetako bat: varroa generoko bizkarroia, duela 30 urte inguru Asiatik etorria, polinizatzaileek bizkarrean izaten duten akain modukoa da. Erleei hemolinfa –ornodunen odolaren parekidea– xurgatu eta ahuldu egiten ditu, eta tratamendu kimikorik ezean erleak hiltzeraino kaltetzen ditu.   Akaroak, gainera, bestelako birus eta gaixotasunak transmititzen dizkio erleari, populazioa gutxitzeaz gain horren zati bat lanerako gauza ez dela utziz. "Pentsatu behar dugu: erlauntzetik ateratzen den erle hori bizkarrean akaina duela doa, guretzat laranja moduko bat edukitzea izango litzatekeena. Birus batekin kutsatuta dago, eta hala ere lanera joan beharra du. Hori gutxi balitz, bere lantokia ez dago etxetik gertu, distantzia handia ibili beharra du iristeko, eta behin iritsita, han jaten duen produktua kutsatuta dago". Egia esan, harritzekoa litzatekeena da baldintza horiek ematen diren tokietan erleak ez hiltzea.    Eta zein toki libratzen dira baldintza horietatik? Nekazaritzarako balio ez duten inguruneak edo nekazaritza tradizionalagoa egiten dutenak, ingurune naturalak, hiriguneak... Harritzekoa badirudi ere, hiriguneetan kutsadura handia egonda ere, ez daude erleentzat kaltegarri diren hainbeste produktu eta pestizida. "Parisen, adibidez, modan jarri da erlauntzak etxeetako balkoietan edo hoteletan jartzea", kontatu digu Galartzak.   Zaindu jaten ematen dizun hori Erlerik gabeko munduaz galdegin diogunean barrez erantzun digute erlezainek: "Ez da posible". Ikerketa askok erakutsi dute erleak eta gainerako intsektu polinizatzaileak nahitaezkoak direla jaten ditugun elikagaien zati oso handi bat ekoizteko. Greenpeacek 2014an ateratako txosten baten arabera, Espainiako Estatuan giza kontsumorako laboreen %70 intsektuen polinizazioaren menpe daude. Ekonomiari lotutako datuak ere argitaratu zituzten txostenean: 2011n intsektu polinizatzaileen lanak 2.400 milioi euro baino gehiagoko onura ekonomikoa ekarri zuen. Polinizatzaileen munduko galera guztiak zaku berean ezin dira sartu, atzean arrazoi desberdinak dituztelako. Arazoak ez du, beraz, erantzun bakarra. Bai, ordea, aldaketak egiten asteko nahikoa arrazoi, norbera beretik hasita: "Nik garbi dut aldaketa ez dela etorriko Bayerrek ez dakit zer egiten duelako, aldaketa gugandik etorri beharko da nahitaez".
news
argia-4b49af7ecde7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/daddy-cool.html
Daddy cool
Fermin Etxegoien
2016-06-19 00:00:00
Daddy cool Saria potoloa zen, 5.000 eurokoa, eta lehiakide biren artean genituen zalantzak… Bataren maketa entzutean, neuri egin zitzaidan Belakoren oso kloniko, klonikoegi. Gainera, ingelesez abesten dute eta herri berekoak dira. Baina gero, zuzenean, sekulako maila eta nortasuna erakutsi zituzten, maketan zegoenetik askoz haratago ailegatuta. Epaimahaikideon deliberazioak sekretuak izaten dira, noski. Tira, honezkero txibatu dizuet lehen kontu irregularretariko bat: Gaztea Maketa lehiaketan euskaraz abestea meritutzat hartu izan dela. Ez dut errieta handirik espero zuzendariarengandik, ondotxo dakielako bereziki disfrutatzen dudala Gaztea, oro har, defendatzen, eta egin egingo nukeela gurean hain ohikoak izaten diren kultur ez transgenikoaren aldeko edozein biltzarretan. Eta bestea –ez dezagun haria gal– Bilbo aldeko rapera jenial bat izan zen. Euskaraz oso ondo, espainolez hobeto, eta ingelesez ere, itxuraz, arazorik gabe aritu zena kantutan, orain ragga aldera, orain diva soul, orain jostarin, kasu guztietan dantzan ezin askeago bezain natural eginez. Uau, ataka gaitzean ginen epaimahaikideok… Hona hemen, desestimatu genituen gainerako hiru finalistak: Donostiatik etorritako hirukote bat, maketan preziosista sentitu genuena –Allah Lahs?– baina zuzenean askoz soilago aritu zena, halako post-grunge intenporal bat beste barik eginez, ingelesez. Donostiatik etorritako bakarlari bandadun bat, txeloak eta pianoa barne, nagusiki ere ingelesez abesten duena, eklektizismo seventies baten barruan, folk-rocketik orduko soul zurira eta alderantziz, demagun Rufus Wainwright bezalakoen eremuko dunak. (Bide batez, bururatu zitzaidan hirurogeitamarreko hamarkada izan zela lehen hamarkada eklektikoa rock-musikan, demagun Roxy Music edo Talking Heads). Hiru: arnasgunerik ez-transgenikoenetatik talde bat eta bakarra ailegatu zitzaigun, entzuleen saria jaso zuena ere, eta hasi eta buka euskaraz abesten zuen, baina guri, estilistikoki, alde handiz desfasatuena iruditu zitzaigun, errail bakarreko metal eta hardcore estiloen arteko intsistentziagatik. Arnasguneetan gertatzen ari dena eta gune trasngenikoetan gertatzen ari dena, ia-ia antagoniko dira estetikoki. Amurrion, Lorea Agirrek esan zuen nahiago duela semeak La Basu entzutea, Xabier Lete nor izan zen –eta nor den–jakitea baino. Tira, gutxi gorabehera esan zuen arestikoa, Aiaraldean antolatutako Jalgi jardunaldietan. Bat nator guztiz. Azkenean, gure epaia lehen taldearen aldekoa izan zen, baina zuzendariak sujeritu zidan neska rapera oso kontutan izango dutela aurrerantzean. Gurasoon arteko konplota beraz, euskal hip-hopa gure seme-alaben artean zabalduko bada.
news
argia-3486d91c4180
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/ertzaintzaren-edo-polizien-deserrotzeaz.html
Ertzaintzaren (edo polizien) deserrotzeaz
Joxe Iriarte, Bikila
2016-06-19 00:00:00
Ertzaintzaren (edo polizien) deserrotzeaz Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren eskariz, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuak Ertzainek eta haien familiek ETAren mehatxuaren ondorioz jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011) egin du. Ondo deritzat gatazkak, eta ETAk konkretuki, sorturiko sufrikario osoa aztertzea eta ezagutaraztea.   Nago baina, azken urteetan onddoak bezala sorturiko institutuek eta idazkaritzek arreta gehiago jartzen dietela bidegabekeria mota batzuei besteei baino, egilea nor den arabera betiere. Batean eta bestean jarritako dirutza edo erabilitako bitartekoen desoreka nabarmena da gainera. Hor dabiltza zenbait ikerle boluntario,  zailtasunak zailtasun eta musu-truk, memoria historikoa lantzen edo torturaren mapa ikusezina aztertzen –Europak zortzigarrengoz zigortu du Espainia, tortura ez ikertzeagatik–, eta beste batzuk, berriz, baliabide guztiekin hileroko soldata jasotzen. Areago, oso deigarria egiten zait zein arreta gutxi jartzen zaion, terrorismoaren aitzakiaz, urteetan ezarri eta gorpuztu diren lege eta jarrera errepresiboen ezabatzeari, salbuespenekoak omen zirenak, baina betiko geratu direnak. Lege horiek ez dute eraginik bizikidetzan? Honezkero badira hauxe diotenak: ETA desagertu da baina orain arrisku jihadistari aurre egin behar diogu. Jarrai dezagun Ertzaintzak urte horietan izandako deserrotze, ikusezin eta gainerako arazoekin. Bistan da, tamalez hori dena gertatua dela, baina nago ere, dena ez dela ETAren eta bere "aldeko"en erantzukizuna. Ertzaintzak bere jarduerarekin badu bere ardura –zer esanik ez beste bi polizia motak– deserrotze eta gizarteratzeko arazoekin. Duela pare bat urte Kukutzaren gatazkaren inguruan orriotan gogor salatu nuen Ertzaintzaren jarduera. Ertzaintza (polizia guztiak) injustizia ugari eragiten duen sistemaren adar bat da. Horrek ezinbestez gizartearen zati batekiko deserrotzea, are, areriotasuna, dakarkio. Galdetu greba batean astindutako langileei zeinen alde egiten duen Ertzaintzak. Askotan, gainera, ordenak betetzetik baino harago joan da. Gogoratzen dut AHTren aurkako manifa baketsu batean atxilotutako lagunak Auzitegi Nazionalaren eskuetan jarri zituela Ertzaintzak. Antzekoa munduko beste poliziei buruz. Los Angelesko polizia buruak sarri kexu dira, herritarrek sistemarekiko amorrua beraien aurka bideratzen dutelako. Frantzian gertatzen ari diren istiluetan ere, polizia askoren kexuak entzun ditugu. Ez omen dituzte merezi manifestarien herra eta erantzun bortitza. Zer esan Mossos d´Esquadraren jarduerari buruz. Batzuek eta besteek, ordea, ez diote galdetzen beren buruari ospe txar horren zergatia. Hor datza gakoa.
news
argia-d4869cd32d7f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/artista-baten-galderak-mitin-baten-erdian.html
Artista baten galderak mitin baten erdian
Kepa Matxain
2016-06-19 00:00:00
Artista baten galderak mitin baten erdian Honezkero zaila zaigu artistarik gabeko ekitaldi politikorik irudikatzen. Ohiko mitinetatik ihesi, azken urte luzeetan klase guztietako artistei deitu zaie mezu politikoren baten aldeko edo aurkako jaialdietan beren ekarpena egin dezaten, publikoaren emozioa jomugan. Baina nolako testuingurua da ekitaldi bat jardun artistikorako? Ze arrisku ditu entzulearen emozioa aldez aurretik bilatzeak? Zer da artista konprometitu bat? Gai horiez eta beste batzuez aritu gara Ines Osinagarekin eta Hedoi Etxarterekin. "Ekitaldi politikoek igandetako meza nagusiaren antza handiegia izaten dute askotan". Ines Osinagak dio hori, ez behin eta ez bitan halakoetan parte hartu izan duenak. Zentzuzko konparazioa, pentsatzen du batek, biak dira, gutxi asko, komunitate baten uste eta sinesmenak indartzeko tokiak. Erraz irudika daiteke: fededunak pulpitura adi, handik datozen kantu, espitx eta argibideak jarraituz. Jo txalo orain, kantatu orain, oihu egin orain, emozionatu orain, eta amaitzean, denak altxa eta etxera, irribarretsu, halako arindu sentsazio batekin, bagara zer, bagara nor, ahaztuxea geneukan hona sartu aurretik baina hartu dugu nahikoa autoestima dosi beste puska batean burua tente ibiltzeko. Oraindik ere, inguru hauetan, ezer izatekotan, identitate autoafirmaziorako tokiak baitira ekitaldi politiko gehienak. Eta hala behar dute agian. Espektakuluaren garaiotan, boteprontoan, mezu politikoekin gehiengoak konbentzitzeko aproposagoak dirudite beste bide batzuek –sare sozialek edota telebistako debateek adibidez–. Gertatzen da, ordea, ekitaldietan "zeureentzat" ari zarela jakitun bertan goxo jarduten baduzu, deus birpentsatu gabe, betiko iruditeria erreproduzituz, arriskua daukazula honezkero fededuntzat zeneuzkan batzuk galtzen hasteko. Ematen du azken aldi luzean badela formula bat antolatzaileei sistematikoki bururatzen zaiena, izan baliabide gutxiko ekitaldietarako, izan azpiegitura erraldoiekin egiten direnetarako: klase guztietako artistak gonbidatzea, bertsolariak eta musikariak nagusiki, baina baita poetak, idazleak edota dantzariak ere. Orduan sortzen dira galderak: zein toki dute artistok ekitaldi politikoetan? Beren kabuz aritzeko askatasun osoa daukate, edo aurrez ezarritako funtzio bat betetzera mugatzen dira? Itxura batean, behintzat, aipatu testuinguruak ez du aproposena ematen deus artistikoki interesgarririk sortzeko, baldin eta artea ulertzen bada printzipio, balio edota usteak zalantzan jarraraziko dizkizun ekintza bezala. Beraz, zertarako deitzen zaie artistei? Zer bilatzen da haiengan? Ines Osinaga: "Fronte gehiegi dauzkagu irekita eta horien alde aurpegia emateak balioa izango badu, ezin gara erre" Bada pentsatzen duenik sobera gogoetatu gabeko galderak direla, eta, besterik gabe, inertzia nagusitu dela. Halako zerbait aipatzen zuen Asier Azpiroz bertsolariak Bertso marionetak izeneko artikulu batean: zenbait ekitalditan kantatzerakoan soberan sentitu izan dela, eta bera ez balego berdintsu edo are hobe litzatekeela. "(Ekitaldiaren) mezuarekin bat egin arren, talde baten doinu eta errimadun mezu panfletarioa botatzeak, halako hozkirri bat eragin zidan bizkarrezurrean behera", zioen Azpirozek, aldi berean galdetuz: "Beharrezkoa al da toki guztietan bertsoa egotea? Bertsoari berari ez al dio kalte latza egiten?". Ekitaldien antolatzaileei minutu batez gaiaz gogoetatzeko eskatzen zien artikuluan. Musikariekin antzerako zerbait gertatzen dela uste du Osinagak: "Herri honetan txanpinoi bat jartzen badugu herriko plazan, kantu bat egiten diogu. Badirudi sinetsita gaudela kantuek badutela halako mobilizazio gaitasun bat defendatu nahi dugun kausa hori mundu osora zabaltzeko, jende guztiak izango duela haren berri… Eta susmoa daukat alderantziz ez ote den". Igaro dira bi urte Azpirozen artikulu hartatik, ekitaldigintzak aurrera darrai eta oraindik ere masiboki deitzen zaie artistei, betiko mitin zurrunei kolore pixka bat eman diezaioten, mikrofonoko arrazoi zurrunak aski ez eta publikoa modu irrazionalago batean beregana dezaten; funtsean, entzulearen enpatia bilatuko duen osagaia jartzeko: emozioa. Ez da kontu berria. Hedoi Etxartek gogoratzen du XX. mendeko arte ekoizpen kritikoaren eztabaiden ardatzetako bat izan zela emozioarena. Stanislavski versus Brecht. "Jendea iritziz aldatuko dugu enpatiaren bidez ala arrazoiaren bidez? Ze gutasun sortzen da batean eta ze gutasun bestean? Ez badugu norbaitekiko enpatia ez delako gure antzekoa ez dugu bere alde borroka egin behar?". "Ekitaldi politikoetan aritzeari baiezkoa emateak gehiago du konpromiso politikotik artistikotik baino" Baina emozioa aldez aurretik bilatzea oso arriskutsua izan daiteke artistikoki, oholtzan nagusitu ohi den jardunak zerikusi handiagoa izaten baitu museoko kulturarekin sorkuntzarekin baino. Azken batean, komunitate oso bat emozionatu nahi duenak derrigor jo behar du komunitate horrek elkarbanatzen dituen erreferentzietara, ondare hori erabili behar du eraginkorra izango den modu batean, eta bukatzen du egiten egin litekeen akatsik larrienetako bat: politikoki eraldatzailea den mezu bati laguntzeko artistikoki oso kontserbadorea den artefaktu bat sortzea.   Artista eta pertsona Zer igarotzen da artistaren burutik ekitaldi politiko batean parte hartzeko gonbita jasotzen duenean? Etxartek, Leninen eskolaren jarraitzaile deklaratuak, artista iraultzarako torloju eta gurpiltxo gisara ulertzen du, eta, halakoetan, bere buruari galdetzen dio: "Ze ekarpen egin dezaket jada mobilizazio horretan ari direnek egin ez dutena baina bertan behar duena? Nola izan ahalik eta ulergarriena? Bada lekua formatu horretan egoten ez den berrikuntza estetikorik sartzeko protagonismorik bilatu gabe?". Osinagak, ostera, bi plano desberdinetan ulertzen ditu pertsona eta artista. Eta, beraz, bereizi egiten ditu pertsonalki babesten dituen kausak eta artistikoki babesten dituenak. "Bada denbora bat erabaki nuela publikoki gai batzuen alde agertzea, eta beste batzuen alde ez. Ez alde ez nagoelako, alde agertu nahi ez dudalako baizik. Herri honetan kolore askotako kamisetak jantzi ditugu: laranja, berdea, urdina, morea… Fronte desberdin gehiegi dauzkagu irekita. Eta horien alde aurpegia ematean, aurpegi horrek balioa izango badu, ezin dugu erre". Hedoi Etxarte: "Badago eszena zombie bat punk-rockari eta skari lotutakoa: erreakzionarioa da forma musikaletan, hitzetan eta erritualetan" Presoen eskubideak eta feminismoa. Horra Osinagak ia sekula ezezkorik ematen ez dien bi gai. Bada denbora bat erabaki zuela gai horien alde bustitzea, eta beste batzuen alde ez. "Horrelakotan, baiezkoa emateak gehiago du konpromiso politikotik artistikotik baino. Gertatzen dena da eskaparatean jartzen duguna gure ni artistiko hori dela, eta askotan ni artistiko horrek bukatzen duela egiten inoiz egingo ez lituzkeenak, ni politiko horren izenean". Gainera, gehienetan, kantatzea ez beste edozertarako deitu izan diotela gogoratu du: bideo bat grabatzeko, testu bat irakurtzeko, ezer esan gabe prentsaurrekoko argazkian ateratzeko, kontzertuan kamiseta janzteko, kontzertuaren erdian mikrofonotik hitz batzuk esateko… gero, tartean behin, ekitaldietan kanturen bat jotzeko, eta, azkenik, kasurik onenetan, bere kantu bat talde osoarekin batera jotzeko. "Beti esan izan dut mikrofonoa dela gure arma gauzak kontatzeko eta aldatzen saiatzeko. Baina horrelakoetan behin eta berriz, zera sentitzen dut: nik musikari izan nahi nuen!". Kontraesan handiz bizi du musikariaren eta pertsonaren arteko talka. "Pentsatu izan dut artistikoki garesti ordaindu dudala horrelako ekitaldietan gehiegitan parte hartu izana, baina barruak hala eskatu izan didalako egin dut. Musikari izatea gauza bat delako, eta musikari izatea Euskal Herrian beste bat. Eta are gehiago: emakume musikari izatea Euskal Herrian beste zerbait diferentea". Konpromisoaren ertzak Esaera berriak dio: "Hasten da artista konprometitu bat ekitaldi politikoz ekitaldi politiko, eta amaitzen du ez artista eta ez konprometitu izaten". Ez da, noski, baieztapen serio bat, baina balio dezake uste batzuk auzitan jartzeko. Esaterako, zergatik den hain atzerakoia, salbuespenak salbuespen, egun ekitaldi politiko nagusien inguruan mugitzen den musika eszena. Etxartek aipatzen du joera bat: "Badago eszena zombie bat punk-rockari eta skari lotutakoa, revivalean bizi dena, eta ez dena soilik kontserbadorea, zuzenean erreakzionarioa da: forma musikaletan, hitzetan eta erritualean". Izan daiteke, agian, konpromisoa ulertzen delako oso modu hertsian, batez ere ekitaldietan parte hartzeari edota lelo esplizituak kantatzeari lotua. Bururatzen zaizkio, hala ere, beste modu batera beren jardunean politika zuztarretaraino daramaten artista batzuk: Maialen Lujanbio Euskadi Irratian edo Unai Iturriaga Jakinen, adibidez. Edo haien jardun musikala zentzu sakoneko politikaz bete dutenak: Broken Brothers Brass Band taldeak kasu, "komunitatea inplikatuz, erritmo eta harmonia sofistikatuekin, letra garratzekin". Badira, orobat, haren ustez, ekoizpen bideak politizatu dituztenak "Bidehutsekoek edo Kerobiak bezala: lizentzien eta banaketen bidez". Edo soinu banda eta Think Tank izan direnak, "Negu Gorriak eta Fermin Muguruza edo La Polla Records bezala". "Jendea iritziz aldatuko dugu enpatiaren bidez ala arrazoiaren bidez? Ze gutasun sortzen da batean eta ze gutasun bestean?" Ekitaldigintza inguruko eszena kontserbadore hori azalduko lukeen beste arrazoi posible bat: hainbat artistak ikusgarritasuna bilatzeko erabiltzen dituztela toki horiek. Neurri batean, hor agertzeak balio diela beren burua plazan kokatzeko, "hemen nago" oihukatzeko, eta, bide batez, urtean zehar plaza gehiago ziurtatzeko. Ez da paradoxa berria: kausa kolektiboen aldeko ekitaldietan parte hartuz egitea norberaren interesen alde. Osinagak sarritan pentsatu izan du gaiaz: "Urtean egiten ditugun kontzertuetatik zenbat dira atzean inongo pankartarik ez dutenak? Eta zenbaterainoko mobilizazio gaitasuna daukate? Musikariok zenbat jenderaino hel gaitezke inongo testuinguru militanterik gabe?". Eta, azken bat: "Ekitaldi politikoek behar dituzte artistak ala Euskal Herriko eszenak behar du atzean pankarta?". Martxa eta borroka ezin dira bereizi garai berriotan.
news
argia-32015aa30b5c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/europar-batasuna-berriro-bidegurutzean.html
Europar Batasuna berriro bidegurutzean
Asier Blas Mendoza
2016-06-19 00:00:00
Europar Batasuna berriro bidegurutzean Herbehereek Europar Batasunean  (EB) sartzeko balizko ukrainar hautagaitza bati ezetz esan diote erreferendumean, bien bitartean, Austrian, hautagai aurrerakoi moderatuak ozta-ozta irabazi ditu hauteskunde presidentzialak eskuin euroeszeptikoaren aurrean. Bruselak hautetsontzietan maiz jaso ditu zaplaztekoak, besteak beste, Danimarkan, Erresuma Batuan, Herbehereetan, Frantzian, Irlandan edo Grezian. Jaso ez dituenean, adibidez Lituanian, EBn sartzeko buruturiko erreferendumean, inork gutxik jarri zizkion tatxak plebizitu autoritario moduko formatuari: ideologia eta propaganda bakarra hedabideetan, legeak aldatu ziren bi egunetan bozkatu ahal izateko, eta azkenik, bigarren bozketa egunean partaidetza minimora iristeko modurik ez zegoela ikusita, herrialdeko enpresari handienak hedabideetan zabaldu zuen pasaportean bozkatu izanaren zigiluarekin etortzen ziren herritarrei bere hipermerkatu eta supermerkatuetan txokolatea, garagardoa edo garbitzeko xaboia banatuko zitzaizkiela. Mendebaldearen esanetara ez dagoen beste herrialde batean hori gertatuko balitz, Europar Batzordeak eta hedabideok 24 ordu emango genituzke estatu hori estigmatizatzen. EBk Syrizak Grezian garaitu ostean izerdi gehiago bota behar izan zuen, baina tira, indarkeria militarra izan ezik, dauden gainontzeko indarkeria mota guztiak erabili ostean oinperatu zuen. Oraingoan ekainaren 23an Erresuma Batuak bere sezesio erreferenduma egingo du eta kasu horretan edozein emaitzak kaltetuko du EB erreala Baina erreferendumean ez bada baiezkoa ateratzen, bada beste bide bat, berriro egiten da baietz atera arte edo zuzenean Europar Konstituzioa Lisboako tratatuan mutatzen dugu konstituzioaren alde ilun eta neoliberalenak inposatuz eta onura federalista eta demokratizazio bidekoak baztertuz. Erantsi horri azken hau ez dugula utziko bozkatzen, ez baita konstituzioa. Imajinatu bere garaian Hugo Chavezek konstituzioa aldatzeko galdu zuen erreferenduma eta gero, bigarren erreferendum saiakera egin izan balu. EBk Syrizak Grezian garaitu ostean izerdi gehiago bota behar izan zuen, baina tira, indarkeria militarra izan ezik, dauden gainontzeko indarkeria mota guztiak erabili ostean oinperatu zuen. Oraingoan, ekainaren 23an Erresuma Batuak bere sezesio erreferenduma egingo du eta kasu horretan edozein emaitzak kaltetuko du EB erreala. Erresuma Batua estuen klubean geldituko balitz, oso baldintza partikularretan izango litzateke, baina seguruenik Ekialdeko herrialde batzuek antzeko estatus eskaera egingo lukete. Irtengo balitz gauzak ez lirateke gehiegi aldatuko ikuspegi materialetik, Norvegia edo Suitzari so egitea baino ez dago. Azken batean, azkeneko urteetan EBk ez da gai izan proiektu propio bat garatzeko eta bazkideei balio propio erantsia eskaintzeko. Erresuma Batua beti izan da barne saboteatzaile bat, askotan AEBek hori erabili dute europar federatze prozesua oztopatzeko. Horregatik, Obama oso haserre dago Erresuma Batua EBetik atera ahal izateko posibilitatearekin. Halere, EBren noraeza Ekialdeko herrialdeetara zabaltzearekin etorri zen. Hauek ez ziren europar federalista zaleak, baina Mendebaldeko blokean sartzeko bidesari bezala ikusi zuten integrazioa. Une honetan, berriz, badira zenbait herrialde ez dutenak garbi ikusten zertarako balio duen EBn egoteak, ez bada soberania galtzeko. Adibidez, 2004tik gertatu diren hedapen guztietan lehenengo NATOko kide bilakatu behar izan dira herrialdeak, ondoren EBko kide bilakatzeko (Zipre eta Malta salbu). Gauzak horrela, Erresuma Batua EBetik aterako balitz, eragin nagusia sinbolikoa litzateke. Europa Ekialdeko herrialde batzuek ikusiko lukete posible litzatekeela EBtik kanpo egotea eta Mendebaldearen parte izatea NATOren bitartez. Horrek EBren txikitze bat ekarriko luke, eta batez ere, AEBen eraginaren gutxitze bat. Agian jokaleku horretan EB indartu, trinkotu eta autonomoago bat osatu zitekeen, hortik dator akaso iparramerikar eliteen beldurra Brexit ari.
news
argia-ae6ee911fe22
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/mitxoleta-bixi-bixiak.html
Mitxoleta bixi-bixiak
Jakoba Errekondo
2016-06-19 00:00:00
Mitxoleta bixi-bixiak Senide du lo-belarra (Papaver somniferum), baina haren aldean, bixia da mitxoleta (Papaver rhoeas). Mitxoleta ezaguna da oso; "urdemutur" eta "urdamutur" ere deitzen omen zaio. Udaberria joan udaberria etorri, urtero lotsagorritzen ditu lur sailak. Neure lotsaren gorria ere berpizten du, Claude Monet margolariaz urtean behin besterik ez naizela gogoratzen berrituz.   Feniziarrek, grekoek eta erromatarrek Mediterraneoan barrena laboreak ekarri zituztenean, hazi haien tartean zetozen soroetako beste landareen haziak ere, nahasian; batez ere, mitxoletarena bezala ia ikusezinak zirenak. Eta landutako sail berrietan bapo. Laboreen aldean, azkar loratu eta hazia ematen du. Haien buruak heldu eta biltzeko moduan daudenerako, mitxoletak haziak sakabanatu ditu, eta ez gutxi: landare bakoitzak 50.000 eta 60.000 arteko hazi pila ematen du. Landare ugaria eta ziklo laburrekoa izateak mutatzeko eta egokitzeko gaitasuna dakarkio. Adibidez, gaur egun soroetan erabiltzen diren herbizida gero eta hilgarriagoen eragina saihesteko eta aurre egiteko ahalmena. Mitxoleta landare indartsua da, aitzindaria. Beste landareek baino lehenago bereganatzen ditu lurrak. Lurrak ez, alorrak esan beharko nuke. Lur landuak atsegin ditu, mugituak. Zalaparta eta iskanbila non, han etorriko da, agudo asko! Hondeaitzurra edo goldea edo pikatxoia non dantzatu den, han, lur harrotuan etorriko da, bixi-bixi. Lur hori bakean utzi eta landare segida naturala hasten denean galduko ditu bere kemen guztiak; beste landareen aurrean belarriak bildu, eta beste norabait alde egingo du.   Hiru toki izaten ditu ondo bereak mitxoletak: labore soroak, eraikuntzen hondakinak edo erorkinak eta bide bazterrak. Beti gure atzetik hedatu izan da. Bideak ireki, lurrak irauli, eraikuntzak altxa, hondakinak baztertu... Han dago zain. Geu gara mitxoletaren pagotxa. Baita hautsikin zatarrenak eragiten ditugunean ere. Mitxoletak lur sailak gorritzen dituenean noizbait han isuritako odola berritu eta azaleratzen duela esango nuke. Gu garenean beti izango baita odolezko aztarna txarren bat, bizi izan ginenaren arrasto. Guda zelaietan, batez ere guda modernoetako zelaietan, beti ugaritzen da mitxoleta, bonbek harrotutako lurretan.
news
argia-505496620332
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/nerabeak.html
Beraien hizkuntza aldaketen ikertzaile
Malen Aldalur
2016-06-19 00:00:00
Beraien hizkuntza aldaketen ikertzaile "Haurra, nerabea, gaztea... pertsona da. Ez etorkizunekoa, baizik eta gaur egungoa. Ez da helduon desioen asebetetzaile, baizik eta bere helburuak edo nahiak beteko dituen pertsona osoa". Lorea Agirreren aipu bat da, Jaime Altunak Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan artikuluan jasoa. Soziolinguistika Klusterrak ematen dituen Hausnartu sarietan bigarren postua lortu zuen Altunaren lanak. Nerabeen hizkuntza aldaketak aztertu ditu Altunak bere lanean. Horretarako, ohikoa ez den metodologia erabili du. Nerabeak bihurtu ditu ikertzaile eta laneko protagonista. Sarri hitz egiten da nerabeez, baina gutxitan uzten zaie eurei hizketan. Maria Castaño, Ainhoa Melero, Monika De Albiños, Elena Fonseca, Olatz Egia eta Xuban Ceccon Donostiako Zurriola Ikastolako ikasleak izan ziren ikertzaile aritu ziren nerabeak. Euretako bostekin hitz egin dugu ikerketaz eta hizkuntza praktikez. Pozarren jaso zuten ikertzaile izateko aukera. Altunak koaderno batzuk banatu zizkien: "Egunean egindako ekintzak eta bakoitza zein hizkuntzatan egiten genuen idatzi behar izan genuen hamar egunez". Inoiz aurretik egin gabeko ariketa izan zen gazteentzat, izan ere, haien hitzetan "automatikoki" aldatzen dute hizkuntza batetik bestera eta inoiz ez dira pentsatzen hasi aldaketa horiek noiz eta nola egiten dituzten. Esperientzia polita izan dela uste du Egiak, izan ere, gazteei "gutxiegi" ematen zaie ahotsa: "Asko eskertu dugu Jaimeren ikerketa, entzun gaituelako; askotan jende handiak guri buruz hitz egiten du guri ezer galdetu gabe". Adibide bat jarri du: "LOMCE legeaz inork ez digu ezer galdetzen, nahiz eta gu garen kaltetu nagusiak". Egiak azaldu du eurek ez dutela "jende handiari" buruz hitz egiten, eta beraz, beraiek ere ez luketela nerabeei buruz hitz egin behar, "ez behintzat gure iritzia aintzat hartu gabe". Hizkuntzatik hizkuntzara saltoka Gustura egin zuten ikerketa, eta baita ondorioak atera ere. "Inoiz ez dugu hizkuntza batean bakarrik hitz egiten", azaldu dute. "Erraztasun handiarekin hitz egiten dugu bi hizkuntzatan, eta ohartu gabe aldatzen dugu hizkuntza batetik bestera", azaldu du Melerok. Uste du kontua dela norekin eta zein espaziotan hitz egiten den: "Nik batzuekin beti euskaraz egiten dut eta beste batzuekin, berriz, beti gaztelaniaz". Gelan euskaraz egiten dute, horretan bat egin dute guztiek. Nahiz eta pasillora irtendakoan euskara "galdu" egiten den. "Gorputzaren kontua dela uste dut, hau da, gelan gaudenean gorputzak euskaraz egiteko eskatzen digu; eta gelatik irtetean berriz ez hainbeste", azaldu du Egiak. Irakaslearen figura ere guztiek aipatu dute. "Gelan, irakasleak behartu-edo egiten gaitu euskaraz hitz egitera, baina irakaslea aurrean ez dagoenean azkarrago jotzen dugu gaztelaniara", dio Fonsecak. Dena den, Melerok uste du lagun taldeak ere asko egiten duela: "Guk koadrilan gehienbat euskaraz egiten dugu, baina beste lagun talde batzuek gaztelaniara gehiago jotzen dute". Eskolatik kanpo, asteburuetan esaterako, bi hizkuntzatan aritzen dira. "Lagun taldearen arabera, hau da, ikastolako lagunekin irteten banaiz euskaraz gehiago egiten dut, baina beste eskoletako lagunekin banago, agian gaztelaniaz", azaldu du Egiak. Castañok eta Fonsecak aldiz, azaldu dute eurek asteburuetan gaztelaniaz egiten dutela gehien. Etxeko hizkuntzak ere ba omen du garrantzirik, nahiz eta Egiak aitortu duen bere gurasoak erdaldunak badira ere, eta bere lehen hizkuntza gaztelania izan arren, aise moldatzen dela eta erabiltzen duela euskara. Kontsumoa Gaur egun, aurrez aurre bezainbeste hitz egiten dugu internet bidez. Whatsappari dagokionean, gazteek diote aurrez aurre erabiltzen duten hizkuntza bera erabiltzen dutela: "Lagunari bestela hitz egiten diodan hizkuntza berean hitz egiten diot whatsappez". Dena den, sare sozialetan euskara oso gutxi erabiltzen dute: "Instagramen esaterako gehienbat gaztelania eta ingelesa erabiltzen ditut", azaldu du De Albiñosek. Telebistan zer ikusten duten azpimarratzekoa dela uste dute. De Albiñosen iritziz, ETBn esaterako, apenas dagoela beraientzako eskaintzarik: "Euskal Telebistan bi aukera daude, edo Doraemon ikusten duzu edo antzinako gauzei buruzko dokumentalak". Bat dator Egia: "Arrazoi du Monikak, Herri People eta Azpimarra ikusten dituzu edo bestela marrazki bizidunak". Telebista gaztelaniaz kontsumitzen dute guztiek, nahiz eta musikan hizkuntza aniztasun handiagoa duten. "Nik musika gehienbat euskaraz entzuten dut, ez bereziki letragatik baina musika dantzagarriagoa egiten zait", esan du Egiak. De Albiñosek berriz, honela azaldu du: "Pozik nagoenean euskarazko kantuak entzuten ditut eta triste nagoenean gaztelaniazkoak". Castañok eta Fonsecak berriz, aitortu dute eurek gaztelaniaz eta ingelesez entzuten dutela gehien. Etiketen pisua Etiketek berebiziko pisua  izaten dute, eta agian gehiago adin horietan. Elkarrizketatutako gazteek azaldu dute beste ikastetxeetako jendeak "euskalduneros" deitzen dietela euskaraz hitz egiten dutelako, nahiz eta eurekin gaztelaniaz aritzen diren. "Altus markako arropekin eta mendiko botekin ibiltzen garela ere maiz esaten digute, baina ez da egia". Ikerketa egin ostean denbora batez hizkuntza aldaketekiko "kontzienteago" izan zirela esan dute, baina dagoeneko ahaztu egin omen zaie: "Gaia ateratzen denean berriro gogoratzen gara, baina egunerokoan hizkuntza aldaketak oso barneratuak ditugu". Lan fina egin zuten ikerketan Altunaren ustez eta eurek ere atera zituzten ondorio interesgarriak. "Konturatu gara askotan guri buruz ikertzen dutela kanpotik begiratuta, eta ez guri galdetuta", azaldu du Egiak. Gainera, ikerketaren ondoren hizkuntza joerekiko "kontzienteago" direla esan digute: "Ohartu gara pertsonaren eta lekuaren arabera hizkuntza batean edo bestean hitz egiten dugula". Dena den, guztiek argi dute inoiz ez dutela hizkuntza bakarrean hitz egiten: "Beti nahasten ditugu gutxienez bi hizkuntza, baita esaldi berean ere", azaldu du Egiak. De Albiñosek eman dio azalpena horri: "Niri asko kostatzen zait itzulpenak egitea bai euskaratik gaztelaniara baita alderantziz ere, eta beraz ateratzen zaidan moduan botatzen dut".Horrela, "ateratzen zaigun moduan eta gorputzetik" hitz egiten dute Zurriola Ikastolako sei ikertzaile gazteek.
news
argia-0d287d66f20d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/umoreari-buruzko-solasaldia.html
Umoreari buruzko solasaldia
Angel Erro
2016-06-19 00:00:00
Umoreari buruzko solasaldia Zigor : Egun on, Luzio. Ia ez zaitut ezagutu ere egin. Bizarra utzi duzu eta kilo dezente galdu ere bai. Ene, beste bat ematen duzu-eta. Lehen luze zinen, baina orain are luzio. Luzio : Egun on, bai, Zigor. Eskerrak, ba, argalduagatik ezagutu nauzun, bestela, orain arte egin didaten hitz jokorik onena entzun gabe igaro beharko bainuke eguna. Zigor : Serio ari zara? Ba, oraintxe bururatu zait, hitz egin ahala. Benetan ez nekarrela presturik. Batek daki holakoak nondik etortzen diren. Egia esan behar badizut, burua egiten nuen zu ez zinela oso hitz joko zalea. Luzio : Umorearen defendatzaile sutsua naiz ni. Inoiz iritsi naiz pentsatzera txistea eta olerkia familia bereko bi ahaide baino ez direla, hala batean nola bestean elementuen disposizioak duen berebiziko garrantziagatik eta osagai bakar bat bere tokitik kentzeak ekar dezakeen osokoaren suntsiketagatik. Txistean edo poeman ez luke soberako ezer beharko. Txistea (eta haren baitan hitz jokoa ere) hitzezko umorearen unitate minimoa da, literaturarena olerkia (edo bertso-lerro betegin bat) den bezalaxe. Zigor : Horregatik, seguruenik, hain txiste kontalari txarra naiz. Bat kontatzen hasten naiz eta graziadun eztena, behar duen tokian gabe, aurreratzen dut edo desaktibatzen dut lehenago esandako zerbaitekin. Askotan pentsatu dut buruz ikasi behar nituzkeela familia afarietan botatzeko (ohitura handia baitu nire neskaren familiak bazkalondoan istorio barregarriak elkarri kontatzeko), eskolan ikasarazten zizkiguten olerki edo bertsoen moduan. Nire aitaginarrebak, esaterako, beti berberak kontatzen ditu eta beti hitz bakar bat ere aldatu gabe. Luzio : Zu txiste kontalari txarra zara, txistea azaldu nahi duzulako, baina errezitatu behar zenuke, bai. Poema bat ere ez dago azaltzerik. Nik esan nezake Sandro Pennak baduela olerki bat, non esaten baitu gazte izatea beti zentzumenetara isurita egoteaz ez damutzean datzala, eta zu ados egon zintezke, baina nik olerkia hitzez hitz errezitatu arte ez zenuke benetako zirrara sentituko. Poema eta txiste on batek beti du zerbait gogoangarritik. Zigor :  Zuretzat, beraz, zirrara eta algara gauza bera dira? Luzio : Gaur baietz uste izatera lerratuko nintzateke. Emozio bat hitzen disposizio egoki (edo, nahiago baduzu, eder) eta ezinbestekoak eragina. Horrek ez du kentzen, poesia molde guztiak estimatzen ez ditudan bezala, umore klase batzuek beste batzuek baino balio gehiago izateak. Umore kontzeptuala (bi ideiaren arteko talka agerrarazten duena) edo egoerazko umorea (ohitura baten absurdua bistarazten duena) askoz nahiago dut hitzekin jokoa egiten duen umorea baino. Beste hizkuntza batera itzuli ezin daitezkeenak hobe niri ez konta. Zigor : Esango nuke jarrera esnob xamarra dela, autogorroto apur bat erakusten duena. Luzio :  Ez dut inor sutara botako hitz joko bat egiteagatik. Baina, nire ustez, a) irudimen eskasagoa erakusten du, b) beste umore motetarako bidea zailtzen du, c) halako kratilismo merkearen arriskua dakar, eta d)… Zigor : Aber, aber, aber. Kratilismo? Luzio : Bai. Platonen solasalditik (Kratilok uste du hitzak eta beren esanahi sakona estuki lotuta daudela). Hitz jokalariak bi hitzetatik berri bat sortzean –"hago hitzilik", demagun, edo euskahalduna– hor errebelazioren bat bilatzeko tentaldia izan dezake. Poesia txarrean bezalaxe.
news
argia-27a1bd6ebff7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/hirutasuna.html
Hirutasuna
Jakoba Errekondo
2016-06-19 00:00:00
Hirutasuna Hiru elkar hartuta. Gure kultura atlantikoko lurretako hirutasun nagusia badator. Artoa-babarruna-kuia. Oraintxe sortzen ari dira, hiru bat eginda. Soroari, kulturaren alorrari etekin hobea ateratzeko elkartasuna. Babarrunak lurrari nitrogenoa ekarriko dio, sustraietan apopilo hartuko dituen bakterio nitrofiloen bidez. Nitrogeno hori ederki baliatuko dute artoak eta kuiak. Artoak lastoa edo zuztarra eskainiko dio babarrunari luzatzeko eta lurreko hezetasunari ihes egiteko. Artoaren hostoak, erreten antzekoa edo aska-itxurakoa bera, ihintza oinaren aldera bideratuko du, babarruna ere ureztatuz. Artoaren hostailak itzala ematen die babarrunaren lekei, azal fineko ale goxoak ekar ditzan. Kuia, berriz, ederki hedatuko da soroko zirrikituetan. Artoa, babarruna eta kuia diren ganbaretan betor negu gorriena!
news
argia-023a18d9cc92
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/donbass-guerra-europaren-bihotzean.html
Dokumentala estreinatu dute
Itsaso Zubiria Etxeberria
2016-06-19 00:00:00
Dokumentala estreinatu dute Euskaldunok ezagun dugu proiektu bat martxan jartzeko diru-laguntza kolektiboaren ohitura. Zuk ere hartuko zenuen parte batean baino gehiagotan, irakurle, poltsa bidez, bonu edo errifa moduan, zozketaren batean edo zuzenean kontu-korrontean sartuta. Bada orain betiko laguntza ekonomikoari crowdfunding deitzen zaio. Interneten zertxobait moldatzen bazara ziur entzuna duzula hitza, eta akaso kanpainaren batean ere zure ekarpena egina izango duzu. Baina errifak karterako bazter ezkutuenetan bezala galtzen diozu askotan pista crowdfundingari. Bere garaian bueltaka ibili zinela bai, baina askotan ez duzu jakiten azkenean dirurik bota zenuen ere, edo proiektua bera bideratzea lortuko ote zuten ere. Nire kasuan adibide garbia da Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala. Egin ote nuen ekarpenik? Zer gertatuko zen proiektu horrekin? Bai. Aurkeztu dute ikus-entzunezkoa Ibai Trebiño eta Mikel Arregi egileek. Arrasaten, ekainaren 11n. Donbassen (Donets eta Lugansk eskualdeetan) egin zuten egonaldia 2015eko martxotik uztailera bitartean, Kieveko Maidan plazako mobilizazioen ondoren 2014ko otsailean ukrainar oposizioak orduko Yanukovitx presidentearen aurkako estatu kolpea ematearekin eta interes geopolitikoak tarteko piztutako gerra dokumentatzeko lanetan. Ukrainako armadak jo-puntuan izan dituen zibilen testigantzak jasotzeko aukera izan dute gerra frontean. Kazetaritza lan bezala definitzen dute egileek dokumentala. Bi aldeen bertsioak jartzen dituzte mahai gainean, eta "komunikabide masiboek Ukrainako gerra zibilari buruz azaldu ez dutena" erakutsi nahi izan dute lan honekin. ARGIAk dokumentalaren produkzioan eta hedapenean kolaboratu du, eta urte osoko lanaren ostean jada plazaratuta, asmoa dago Euskal Herrian, Espainian eta Portugalen emanaldi bira bat egiteko.
news
argia-158b1baa9dd4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/liburua.html
Heroinak odolean
Amaia Alvarez Uria
2016-06-19 00:00:00
Heroinak odolean Pertsonaiek egituratzen dute liburu hau, atalak ama, aita, amama, senarra, alaba, maitalea, anaia eta ni baitira. Protagonistak, Bertak, euretariko bakoitzarekin bizitakoak aletzen ditu elkarrizketa, oroitzapen, gogoeta eta ametsen bidez. Bizitza pusketak konpartitzen ditu familia, adiskidetasuna, amatasuna, gizon-emakumeak, maitasuna, sexua edo bizitzari buruz hitz egiteko. Idazle honen Greta nobelak pelikula baterako gidoia iradokitzen bazuen, 12etan bermutak antzezlan baterako gidoia du barrenean. Foku batek emakume bat argiztatzen du eta bere bakarrizketa entzungo dugu, tarteka oroitzapenen irudiak edo pertsonaiak berarekin gurutzatzen direla agertoki biluzian.   Bertak "jarraitu beharreko bidea" egin du eta bere bizitzaren erdira heldu da, mito erorien garaira. Bere ingurukoek ispilu izango ditu bere ibilbidea islatzeko. Belaunaldi baten memoria dugu, genealogia batean kokatuta. "Ez dut oraino aurkitu nire barruan amatasunak emakume oso bihurtuko ninduen azken zati hori".   Amamak emakume bezala egokitu zaion rola jokatu du alargundu arte, eta orduan heldu zaio askatasuna eta subjektu izateko unea. "Lanera, bazkaltzera eta txikiteora. Eta astean birritan edo, izterrak irekitzen zizkidan eta zakila sartzen. Horrelakoxea zen zure aitxitxa. Gizon gehienak bezalakoa". Amak, ordea, bere rolak ezarritako bi funtzioak betetzen ahalegintzen pasatu du bizitza, ama eta erakargarri eta ederra den emakumea, Edurnezuriren amaorde bihurtuz. Liburu honetan ama eta alaben arteko maitasun-gorroto harremanak gordin agertuko zaizkigu. "Zer da, bada, maitasuna, norbaitek asmatutako tranpa bat baino? Familia zoriontsuak gatibu mantentzen dituen amarrua? Desioaren zentsura?". Bere gaztetako laguna ere ahalik eta ondoen bizirauteko artean huts egindako beste emakume bat da. Hala ere, miretsi egin du eta eredu izan du une askotan bere helduleku izan dena. "Ohe kontuetarako nahiago izan ditut beti barrabilak, baina bizitzarako askoz indar gehiago ematen dute bularrek, aluak". Bere alabari irakatsi nahi dio bizitzea merezi duela, zoriontasuna bilatu behar duela. Oztopoak gaindituz segi eta aurrekoek egindakoak gogoan hartu. "Ona da negar egitea. Begira bestela niri. Badakizu emakumea izatea dela mundu honetako desgraziarik handiena". Beraz, emakume izaten saiatu izan direnei omenaldi bat da lan hau, baita rol femeninoa auzitan jartze bat, memoriaren bitarteko kontzientzia hartzea. "Heroina odolean. Inongo literaturatan agertzen ez den heroina. Heroinak. Amak. Amamak. Alabak. Lagunak".
news
argia-e19d475763d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/gure-lotsaizun-eta-utzikeriaren-hilotzak.html
Gure lotsaizun eta utzikeriaren hilotzak
Juan Mari Arregi
2016-06-19 00:00:00
Gure lotsaizun eta utzikeriaren hilotzak Gerratik eta gosetik ihesean Europara babes bila doazen migratzaileen olatuak jarraitzen du. Azkeneko urtean milioi bat lagunetik gora aritu da gure artean babes bila. Milaka bidean geratu dira. Batzuk Mediterraneoaren itsas hondoan daude, munduko hilobi handiena, beste batzuk itsasertzean aurkitu dituzte itota. Aurten 3.000 lagunek galdu dute bizia Mediterraneoa igaro nahian. Duela bi aste Libiako itsasertzean 250 hilotz berreskuratu ziren. Jadanik ez dira albiste. Gure lotsaizun eta utzikeriaren hilotzak dira. Europak segitzen du migrazio hori gorenean zegoenean hartutako konpromisoak bete gabe mugak ixten. Europar herritarrek euren gobernuak bultza beharko lituzkete konpromiso horiek betetzera. Hauteskundeak dauden tokietan, orain Espainiako Estatuan izango diren moduan, herritarrek exigitu behar diete politikariei benetako hausnarketa errefuxiatuek jasaten duten egoeraz. Soluzio ekonomikoak aurkitzeko ordua da –inbertsioak alegia–, baita politikoak ere –elkarrizketa eta negoziazioa gatazkaren alde ezberdinen artean– migratzaileen jatorriko herrietan aurki dezaten Europara ihes egin behar ez izateko modua. Bidean hainbeste hildako egotea eragotziko luke horrek, hainbeste etsipen, europar babestokia bilatzen dutenen artean. Arazoa jatorrian konpontzen ez den bitartean, Europak, Espainiako eta Frantziako estatuek eta Euskal Herriak, baliabide ekonomiko, politiko eta sozial guztiak jarri beharko lituzkete milaka migratzaile horiek aterpea eta ostatua jaso dezaten, bizitzari duintasunez ekin diezaioten berriz. Euskaldunok, historiako zenbait momentutan beste herri batzuen babesa jaso genuen. Orain guri dagokigu hori egitea.
news
argia-d2554568df69
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/itsas-mendi.html
Itsas Mendi
Oihana Etxebarrieta
2016-06-19 00:00:00
Itsas Mendi Kultura espazio eta proiektuen inguruko eztabaida ez da atzokoa. Kultura onargarri eta instituzionalak, egunerokotasunean bere baliabideekin musika, antzerkia... programatzen ari dena jaten duela badakigu. Isunez ito nahi dituzte, bestela entzun ezingo genituzkeen taldeak ekartzera ausartzen direnak; itxi egiten dituzte kultura alternatiboa praktikatu nahi dutenak. Tamalez, txikiarekin lerratzen garela uste dugunok ere, hiriburu-zentrismoan (EAEko hiriburu-zentrismoan batez ere) erortzen garela esango nuke. Ez diegu maila eta begirada interesatu bera eskaintzen herri txikiagoetan lanean ari direnei. Astra, Katakrak, Mikelazulo... Kasu honetan, Urruñako (Lapurdi) Itsas Mendiri eta bere langile eta boluntarioei omenaldi txiki bat egin nahiko nieke, eman dizkidaten opari guztiengatik. Zinema independentea programatzen duten guztiak bezala, larri, prekario eta laguntza eskasekin egiten dute aurrera bertan. Baina zinemarekiko maitasun, goxotasun eta indarraz ekartzen dizkigute bestela ezagutu ezingo genituzkeen piezak. Jatorrizko hizkuntzetan eta frantsesez azpititulatuta Palestinako, Indiako... eta Euskal Herriko filmak ikusi ahal ditugu. Bizirik jarraitzeko jendea behar da ordea. Ba al zatoz?
news
argia-fec282f06552
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/david-garnatxo-landare-elkarteko-koordinatzailea.html
"Tomate batekin jendea hunkitu egiten bada, nola ez du zirrara sentituko aldaketa gehiagoren aurrean?"
Reyes Ilintxeta
2016-06-19 00:00:00
"Tomate batekin jendea hunkitu egiten bada, nola ez du zirrara sentituko aldaketa gehiagoren aurrean?" Iruñerrian badira bi supermerkatu "arraro". Haietan saltzen dituzten produktu guztiak ekologikoak dira eta soilik bazkide direnek eros ditzakete. Eta "arraroena" da etekinaren %80 ekoizleentzat dela. Landare du izena ekimenak, duela 24 urte sortu zen eta egun bi denda ditu, bat Iruñeko Arrotxapea auzoan, bestea Atarrabian, eta 2.600 bazkide. David Garnatxo barazki saltzailea Landare elkarteko koordinatzailea da. Zuzenbidea ikasi zenuen Opuseko unibertsitatean. Nolako bizipena izan zen hura? San Fermin ikastolatik eta D ereduko institutu batetik etorrita, aldaketa sekulakoa izan zen. Gogoratzen dut ikasgelara iritsi eta lehenengo egunean José Zafra Opuseko irakasle ezagunak fitxa bat eman zigula betetzeko, zein hizkuntza hitz egiten genituen adierazteko, "baina ez jarri bable edo vascuence bezalako dialektorik, mesedez". Bat batean neure burua leku arrotzean sentitu nuen. Baina, egia esan, gero unibertsitatean nik bezala sentitzen eta pentsatzen zuen jendearekin oso harreman onak izan nituen, eta nire lagun on asko han ezagututakoak dira. Han ezagutu nuen nire bikotekidea ere. Politikagintzan ere ibilia zara. Landaren hasi baino lehen gauza asko egin dut. AEKn irakasle izan nintzen, adibidez, eta horretan nenbilela Laboral Kutxako ikasle talde bati eskolak ematea egokitu zitzaidan. Haien bidez jakin nuen han lan egiteko aukera zegoela. Probak egin eta hartu ninduten. Lau urte eman nituen han. Ondoren politikan aritzeko liberatu nintzen, sortu berria zen Nafarroa Bai-n aritzeko, hain zuzen ere. Handik gutxira Aralar taldearen sorreran hartu nuen parte. Gustura ibili eta asko ikasi arren, laster konturatu nintzen hura ez zela egon nahi nuen tokia, horregatik dena utzi nuen. Indiara joan nintzen eta bost hilabeteren ondoren itzuli eta aholkularitza lanak egiten hasi nintzen han eta hemen. Orduan Landare ezagutu nuen. Asko eta azkar handituz zihoan elkartea zen eta enpresa ikuspegitik esku-hartze sakon baten beharra zuen. Alde batetik, langileen eta Landereren arteko harremana ordenatu beharra zegoen, eta bestetik, bezeroari eskaintzen zitzaiona eta barne funtzionamendua parametro profesionaletan jarri behar ziren. Hori egin genuen eta hura bukatutakoan, 2008an, eskaini zidaten hemen jarraitzea. Harrez geroztik hemen nago, oso gustura lanean. Zein da Landareren ekarpen handiena? Injustizia ikusten bada inon, mundu osoko janariaren banaketan da eta horren aurrean Landarek beste eredu bat proposatzen du: janariaren banaketaren ardura ez dadila egon pertsona edo akziodun talde baten eskuetan, banaketa egin nahi duen jende multzo batengan baizik. Filosofikoki eta praktikan hori da gure ekarpen handiena. Nola sortu eta garatu da elkarte hau? 1992an sortu zen. Herritar batzuek modu ekologikoan jan nahi zuten, baina elikagaiak aurkitzea ez zen erraza, eta gainera, prezioak oso garestiak ziren. Gaur egun produktu faltarik ez dago, hornidura ziurtatua dago, baina orain hausnarketa beste bat da: nola lortu produktuak merkatzea, ekoizleek prezio justu bat jasotzen dutela ziurtatuta. Bazkideok amankomunean baloreak ditugu. Ikasten ari gara, baina gu ez gara enpresariak. Elkartea gara. Formula horrek balio digu jende guztiaren eskubide eta betebeharrak berdintzeko, eta hori da gure funtsa. Erabakiak hartzeko mementoan berdin balio du urtean euro bateko erosketa egin duen pertsonaren iritziak edo mila euro gastatu dituenarenak. Hori oso garrantzitsua da. Funtsean, hori da Landarek eskaintzen duen gauzarik hoberena. Ez da kontu estrategikoa, gure pentsaera baizik, eta filosofia horrek gauzak egiteko beste modu bat ahalbidetzen du. Orain prozesu batean murgilduta zaudete. Duela urte eta erdi hasi genuen. Egin beharrekoak denon artean banatzea hobetsi dugu. Horretarako Landareren erabakitze eta botere guneak aldatzen ari gara. Koordinazio mahai bat eratu dugu erabakiak hartzeko, eta ikasten ari gara denon artean ardurak banatzen. Oso zaila, baina arras aberasgarria da. Landaren orain dela zortzi urte lau langile ziren, denera bi lanaldi oso betetzen zituztenak. Orain 25 lanaldi oso egiten dira. Hazkundea oso handia izan da lan taldean, bazkide kopuruan eta fakturazioan. Urtean 3 milioi euroko fakturazioa dugu. Hemen soldata apalena 1.100 eurokoa da eta altuena 1.500ekoa, eta sei aste eta erdiko oporraldia dugu. Gauzak aldatzeko besteak behar ditugula ulertzen da Landaren. Elkarbizitzak aberasten gaitu. Hemen barazkizaleak, animalistak, beganoak, oro jaleak, gustura bizi gara elkarrekin. Tomate batekin jendea hunkitu egiten bada, nola ez du zirrara sentituko aldaketa gehiagoren aurrean? Gu oso apalak gara, azken finean barazki saltzaileak garelako. Ni oso harro nago lanbide honetaz. Nola funtzionatzen du elikagaien merkatuak? Merkatal gune handiak zabaltzen dira oso modu erasokorrean. Prezio oso baxuak eskaintzen dituzte hasieran eta hiri edo eskualde bateko merkatua apurtzea lortzen dute. Denda txikiak itxiarazi eta banatzeko beste sistema batzuk inposatzen dituzte, oso gutxi berrinbertituz toki horretan. Basamortuak sortzen dira horrela. 70eko hamarkadatik aurrera janaria leku batetik bestera eramaten da munduan barna etengabe. Hori ez da ekologikoa. Mundua horretara doa guk gelditzen ez badugu. Badakit oso zaila dela, baina beste biderik ez dago. Sortu behar dira formulak hiri eta herrietan elikagaien banaketarako alternatibak bilatzeko. Europan ekoizleak gero eta gutxiago dira eta horrela jarraituz gero desagertu eginen dira. Duela 40 urte gure diru sarreren %30 gastatzen genuen elikaduran. Egun, diru gehiago irabazi arren, %15 baino ez dugu jaten gastatzen. Bestalde, munduan ekoizten den janariaren %50 botatzen da. Zazpi pertsonatik batek gosea pairatzen du. Lanak diruaren interesei men egiten die eta hori ez da sanoa ezta logikoa ere. Gainera, boteretik beti bilatu izan da ekoizleak ahalik eta gehien diruz laguntzea, eta horrek arazo handia sortu du: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren helburu nagusia ez da jendeari jaten ematea, diru-laguntzak eta etekinak lortzea baizik. Norberaren interesez gain pentsatu beharra… "Ahal duenak bere burua salba dezala" ideiaren aurrean, goazen bertako oinetakoak, janaria, jantziak, kontsumitzera eta munduko beste pertsonekin partekatzera, eta gauza asko aldatuko dira. Ez da gizaki berria sortuko, baina hobera aldatuko da, eta horrek sorraraziko du ilusioa, emozioa eta konpromisoa. Guk hori sentitzen dugu Landaren. Jendeak Landare beretzat hartzen du, eta horrek onura asko ekartzen digu. Hemen 2.600 familia gara eta inork ez du lapurtzen, adibidez. Hau bezalako esperientziekin elkartuz osatzen ahal da eredu berri bat. Batzuk ezin dute aukeratu zer jaten duten. Toki askotan hala da eta hemen ere azken urte hauetan jendea ikaragarri pobretu da. Euskal Herrian agian ez dugu horrenbeste sumatzen, baina Estatu espainiarrean edo Grezian ikaragarria da gertatzen ari dena. Grezian gertatutakoak benetako beldurra ematen dit: Estatu batek aurre egin nahi izan dio sistema honi eta ezin izan du ezer egin. Hauteskundeak eta erreferendum bat irabazita ere, ez du deus egiterik izan, agintzen dutenek ez diotelako uzten. Esperantza hil da. Horren aurrean erresistentziarako eta proposamenerako bide bakarra alternatibak sortzea da, eta diskurtsotik ekintzetara pasatzea. Hanka sartzearen beldur ez dugu izan behar. Jendea ahaldundu behar da? Bai. Zaila da jendeak erabakiak hartzea. Hori ikastea da gehien kostatzen zaiguna. Ikasketa eta kultura maila inoiz baino altuagoa da eta orain egiten ez badugu, noiz eginen dugu, pobretzen gaituztenean? Konfort eremuetatik atera eta arriskuan jarri, uste dugun hori ez delako benetako konforta. Ongi egotea beste batzuen bizkar lortu behar badugu, ez da egiazko konforta. Jendearen osasuna ere kaltetzen ari da janariaren banaketa sistemaren ondorioz? Gure gizartean galera nutrizionalak ditugu nahiz eta egunean hiru aldiz jan. Jende asko gaixo dago luzerako prestatutako janari pobrea jateagatik. Arazo horren oinarria pertsona edo etekinaren arteko dikotomia da, etekinaren alde egiten dute janariaren banaketaz arduratzen direnek. Ez da sistema demokratikoa, oso jende gutxiren eskuetan dagoelako. Enpresa gutxi baina oso handiak. Mundu osoan gauza antzekoak jaten dira, enpresa handiek erabakitzen dutelako guk zer jan behar dugun. Gauza bera gertatzen da, adibidez, arroparekin. Aniztasuna galtzen da eta angelu bakarretik begiratzen zaio ekonomiari. Hezkuntza ere horrelakoa da. Pertsonak zirkulu horietan integratzeko prestatzen ditugu. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak dio joan den mendean munduko nekazaritzaren aniztasuna %75 galdu dela. Arroz bera ekoizten da Indian, Argentinan edo Arguedasen. Kontsumo arduratsua bultzatzen duten gero eta talde gehiago dago. Hemen jendea bereziki aktiboa da? Euskal Herrian oso azkar pasatu gara nekazal gizartetik hiritar gizartera, eta gainera oso masifikatuta. Jendeak erreferentzia batzuk ditu eta inguruan ez ditu aurkitzen. Horrez gain, badira jokamolde batzuk besteekin gauzak egitera lotzen gaituztenak, auzolana, adibidez. Gu orain beste elkarte batzuekin ari gara elkarlanean prezioak jaisteko eta harreman justuak ezartzeko. Saltzen dugunaren %70 kanpotik ekartzen dugu, Espainiatik eta Europa osotik. Baionako Otsokop kooperatibarekin eta Oreretako Labore taldearekin hasi gara lanean. Helburua da ahal den merkeena saltzea, eta gainera, kontsumitzaileek jakin dezatela nondik datorren dena, eta zenbat irabazi duen ekoizleak. Gaur egun arazoa da ekologikoaren merkatua merkatu konbentzionalaren eskema kopiatzen ari dela. Duela zenbait urte amaranto ogia saltzen genuen, adibidez. Ogi hori Burlatan egiten zen, Belgikara eraman eta gero handik ekartzen genuen. Esan ziguten hori horrela egiten dutela markak kontrolatu behar duelako banaketa prozesu osoa. Orain, noski, ez dugu ogi hori saltzen. Janaria erosteaz gain, zer egiten dute bazkideek? Landare sortu zenean oso pobrea zen eta auzolanaren beharra zuen lan guztia egin ahal izateko. Orain identitate marka bezala gelditu da eta bazkide guztiek urtean bi orduko lanaldia egiten dute Landaren: hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, ezagutza elkarbanatzeko saioak (izarrak begiratu, yoga, gimnasia, bizikletak konpontzeko saioa, janariaren inguruko saioak…), dena doan egiten da eta oso lagungarria da bestelako harremanak sustatzeko. Aldaketaren gobernuak urtea bete du Nafarroan. Zein da zure balorazioa? Ni oso pozik nago aldaketarekin. Gure sektorean gauza batzuk hasi dira nabaritzen eta beste batzuk oraindik ez. Dena den, niri beldurra ematen didana da eztabaida soilik euskararen inguruan gelditzea. Euskara izatea aldatu behar den gauza bakarra. Bestelako gizarte eredu bat, euskara barne duena, planteatzeko garaia da. Horretan oso motel dabiltza. Ausardia behar da. Haur eskolen aferan, adibidez, garrantzitsua da euskarazko eskola aukeratu ahal izatea, baina kontuan hartzekoa da ere eskola publikoak oso-oso garestiak direla eta gainera plaza gutxi daudela. Iruñeko Udala oso lan txukuna egiten ari da, baina gai honetan, adibidez, nik eskatuko nioke begirada zabaltzeko. Gehiengoaren kontra eraiki den Nafarroa honi buelta eman behar diogu, euskaltasuna amankomuneko tokian kokatuz.
news
argia-c11ac3315fc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/diskoa.html
Beti aitzinera
Joxi Ubeda Goikoetxea
2016-06-19 00:00:00
Beti aitzinera Poztu egin naiz Petti eta Etxeko Uztaren disko berria eskuratu dudanean, eta oso gustura entzuten ari naiz, atsegin handiz. Oso lan ederra egin dute. Kantuak oso onak dira, eta oso ongi osatuak, landuak eta ekoitziak daude. Batzuk indartsuak eta energia handikoak dira, eta beste batzuk leunagoak. Kantuetan, besteak beste, grina, desira, ametsak, samina eta sentimendu gazi-gezak suma daitezke. Petti abeslari, gitarria-jotzaile eta musikagile paregabea da, gero eta hobeto abesten du eta jotzen du gitarra, eta gero eta kantu hobeak sortzen ditu. Diskoz disko, beti zerbait berria, desberdina edo berezia eskaintzen du bere kantuetan. Bere doinuek blues, rock eta folk kutsuak dituzte, baina Pettik bere jotzeko estiloa dauka, bere nortasuna, eta bihotz handia. Erraietatik ateratzen zaio aski ezaguna den bere ahots urratua eta sakona, batzuetan indar handiarekin eta beste batzuetan leun eta gozo. Astirtitan (Bonberenea Ekintzak, 2015) aurreko lanera kantu "nahiko biluziak" bildu zituen, Pettiren beraren hitzetan, eta hurrengo lana –aurten kaleratu duen Hotzikarak, alegia– "disko rockeroagoa" izango zela iragarri zuen eta soinu "elektrikoagoa eta sendoagoa" izango zuela. Hala da. Lana ederki egin du Etxeko Uzta taldearen laguntza estimagarriarekin. Joseba Irazoki (gitarra elektrikoak, lap steel eta banjoa), Igor Telletxea (bateria eta perkusioak) eta Iñigo Telletxea (baxua). Musikari bikainak dira, eta oso ongi moldatzen dira Pettirekin, txikitatik ezagutzen dute elkar, eta aspaldi hasi ziren elkarrekin jotzen. Grabazio saioetan aritu diren gainerako lagunen ekarpena ere aipagarria da: Estitxu Pinatxo (ahotsa), Txus Aranburu (teklatuak), Joseba Baleztena B. Lenoir (gitarra), Felix Buff (bateria), Xan Bidegain (baxua), Víctor Sanchez (teknikaria), Josu Zabala (Bi bide kantuaren musika), eta hainbat kanturen hitzak idatzi dituzten Pello Lizarralde, Eneko Barberena, Igor Elortza, Beñardo Goietxe, Juan Luis Zabala eta Harkaitz Cano. Petti eta Etxeko Uzta jendaurreko emanaldietan aurkezten ari dira Hotzikarak diskoa. Merezi du haien saio batean egotea.
news
argia-a0af12065bb0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/vesuvio-ponpeiaz-haratago.html
Vesuvio, Ponpeiaz haratago
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-06-19 00:00:00
Vesuvio, Ponpeiaz haratago Vesuvio (egungo Italia), K.o. 79ko abuztuaren 24a. Sumendiaren erupzio bortitzak Ponpeia eta Herkulano suntsitu zituen, eta errautsek erromatar garaiko aztarnategi nagusietakoa gorde zuten mende luzez. Horregatik, Vesuvio Ponpeiari lotuta ezagutzen da gehienbat. Baina Europako sumendi aktibo eta bortitzenetakoak historia zabala du Ponpeiaren suntsiketa baino lehen eta ondoren. Eta egun munduko sumendi arriskutsuena dela uste da, Napolesko badiaren inguruan hiru milioi pertsona bizi direlako. Plaka tektoniko afrikarrak eta euroasiarrak bat egiten duten gune horretan duela 400.000 bat urte hasi zen jarduera bolkanikoa, eta sumendia duela 25.000 urte eratu zen. Badakigu duela 18.000, 16.000 eta 11.000 urte erupzio pliniarrak izan zirela. Eta duela 3.800 urte Europak ezagutu duen erupzio bortitzenetakoa izan zen. Brontze Aroko hainbat herrixka suntsitu zituen. Baina 2006an arkeologoek handik alde egindako gizaki eta animalien aztarna ugari aurkitu zituzten, eta hiru gorpuren arrastoak baino ez; ia 2.000 urte geroago ez bezala, orduko hartan biztanle gehienek ihes egitea lortu zuten. Erupzioek uxatu bezala, populazioa erakarri izan dute Vesuvioren magaleko lur bolkaniko emankorrek, sumendia lozorroan dagoenean.   472. eta 512. urteetan ere eztanda egin zuen. Eta 1631koak Ponpeia suntsitu zuen erupzioaren parekoa izan zen: fluxu piroklastikoa kraterretik hamabost kilometrora iritsi zen eta errauts hodei erraldoiak, besteak beste, Konstantinoplako zerua estali zuen. XIX. mendea bereziki aktiboa izan zen, sumendia zortzi aldiz lehertu baitzen. 1943an, berriro ere abuztuaren 24an, Ponpeiaren bigarren suntsiketa gertatu zen, baina hori ezin zaio sumendiari egotzi; hegazkin estatubatuar eta ingelesek vesuviorenak egin zituzten orduan, aztarnategian 400 kiloko 190 bonba jaurtita. Hurrengo urtean, 1944an, berriro ere sumendia jardunean hasi eta San Sebastiano herriaren zati bat suntsitu zuen. Eta horixe izan da Vesuvioren azken erupzioa, oraingoz.
news
argia-e9faa1cfd3e1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2512/la-rojak-daraman-adidas-logoak-30769-langile-txinatar-balio-du.html
La Rojak daraman Adidas logoak 30.769 langile txinatar balio du
Pello Zubiria Kamino
2016-06-19 00:00:00
La Rojak daraman Adidas logoak 30.769 langile txinatar balio du 2016ko Eurokopak berekin daramatza kirol janzkien marka handiek publizitatean eta esponsor operazioetan inbertitutako dirutzak. Baina hitzetik hortzera "erantzukizun soziala" darabilten marka handi horiek –Nike, Adidas, Puma– kosteak jaisteko lasterketa zoroan segitzen dute. Beti eskulan zanpatuagoaren bila, orain Txinako produkzioak Vietnam edo Bangladeshera daramatzate. Zer daukate ikusteko Real Madriden izar Cristiano Ronaldok, 2016ko Eurokopa antolatu duen Frantziako selekzioak eta Vietnamgo oihalgintzako obrero batek? Marka bat: Nike. 25 milioi euro pagatzen dizkio urtean Ronaldori logo famatua eramateagatik oinetako eta kamixetetan, eta beste 42,6 milioi oilarraren selekzioari. Langile vietnamdarrak ekoizten ditu bota eta tixertak hilero 170 euro kobratzearen truke, Vietnamgo familia baten oinarrizko beharrak asetzeko behar dena baino gutxiago. Egin kontu. Adidasek Espainiako futbol selekzioari pagatzen dizkion 24 milioi euroekin soldata duina kobratuko lukete Kanbodiako 17.559 langilek, Indonesiako 18.796k edo Vietnamgo 27.242ek. Nikek Les Bleus bezala, Adidasek esponsoritzatzen du La Roja eta Alemania, Pumak Italia. Jokalarietan, Nikek Ronaldo, Adidasek Lionel Messi (38 milioi) eta Paul Pogba (38). Klubetan, Nikek Bartzelona (38,3) eta Paris Saint Germain (7,9), Adidasek Manchester United (114,3) eta Municheko Bayern (60,7). Informazio hauek eta askoz gehiago bildu ditu Alternatives Economiques aldizkari frantsesak "À qui profite l'Euro 2016 " (Eurokopa 2016 noren probetxurako) dosierrean. Afera elkarlanean jorraturik Basta! hedabide elektronikoarekin, honek titulatu du: " Euro 2016: Nike eta Adidasek ihes egiten diote beren erantzukizun sozialari gero eta soldata txikerragoak pagatu nahian ". Ethique sur l'Etiquette kolektiboan ari den Nayla Ajaltounik komentatu du: "Zifra deigarriok irudiztatzen dute kirol ekipamenduetako marka handien eredua: marketin eta komunikazioan sekulako dirutzak gastatzen dituzte beren akziodunei errentagarritasuna bermatzeko, eta, aldiz, konpainien hazkundearen oinarria diren langileei ez diete onurarik ekartzen". Nike, Adidas eta Pumak beren esku daukate kirol janzki eta oinetakoen merkatu mundialaren %70. Marketin eta babesletzan egiten dituzten gastuak, akziodunen dibidenduak bezala, sekulako abiadan hazten dira, baina bitartean Asiako –batik bat Txina, Vietnam eta Indonesiako– azpi-kontraten soldatetan gastatzen dutena ez da aldatzen, oso baxu segitzen du beti. Hamar urtean Niken akzioen urteko irabaziak %135 handitu dira, ia hiru mila milioi euro 2015ean. Adidasen etekinak %66 hazi dira, 600 milioitaraino. Kalkulu gehiago egin ditu Ethique sur l'Etiquette kolektiboak. Herritar batek Nikeri oinetako pare baten truke pagatzen dizkion 100 eurotik bi baizik ez dira hura fabrikatu duen obreroarentzako. Adidasen kamiseta batek balio ditzakeen 85 euroetan proportzioa are kaxkarragoa da: azpi-kontratak beharginari 60 xentimo ordaindu dizkio. Kontrastean, markek kolpe bakoitzean 25 euro irabazi dituzte. Soldatetan marka handiek ordaintzen duten zatia txikiagoa da babesletza eta marketinean pagatzen dutena baino, produktu bakoitzeko 3-4 euro inbertitu baitute horretan. Akziodunen etekinen paraleloan handitu dira esponsorizazio aurrekontuak ere. Europako hamar futbol klub nagusien babesletzan 400 milioi euro gastatu zituzten konpainiek 2015ean eta handitzen jarraitzen dute. Eskulana, alderantziz, gero eta gehiago merkatzeko ahaleginean segitzen dute, produktuaren osaketan ahalik eta zati txikiena eduki dezan. Dinamika hori ez da eten, nahiz eta azken urteotan marka horien lan politikak salatuz kanpaina gogorrak egin zaizkien. Txina garesti samar bihurtu zaigu Badira hogei urte argazki deigarri batzuetan azaldu zirela Pakistango umeak lurrean eserita Nike markako baloiak josten. Gero 2000ean Nike bezala Adidas Indonesian azpi-kontrata bidez lanerako haurrak ari zirela erabiltzen zabaldu zen, 15 orduko lan aldien trukean hilabeteko 50 euro baino gutxiago ordainduta. Geroztik, presioaren poderioz, auditoriak eta arau sozialak onartu zituzten multinazionalek. Baina Basta! eta Alternatives Economiques eko dosierek erakutsi dutenez, bake sozial asmo horiei gaina hartzen diete berehala elkarren arteko konkurrentzia errukigabearen arauek. Hamar urtetan Txinako langileen soldata 2,5 biderkatu da, Asiako herrialde bakarra da familia batek bizirauteko behar duen gutxieneko soldatara hurbiltzen: bataz besteko hileroko soldata ia 400 eurotara igo da, bizirauteko gutxienekotzat jotzen den 460etatik hurbil. Hau, ordea, poztekoa baino kezkatzekoa zaie etekinak eten gabe handitzeko lehian diren multinazionalei. Adidaseko buruak kexu azaldu dira "Txina merkea" bukatzen ari omen delako, eta Nike baitan egindako ikerlan batek ondorioztatu du Txinako soldaten igoera "mehatxu bat dela balio erantsiaren iraupenarentzako". Nike bezala Adidas hasi dira ekoizpena Txinatik Vietnamera eta hein txikiagoan Indonesia eta Kanbodiara eramaten, nahiz eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioen horietan langileen eskubideak ez direla babesten. Vietnamen hamar usinatatik bederatzitan langileek ez dauzkate legez dagozkien oporrak. Indonesian hilabeteko gutxieneko soldata 80 eurokoa baldin bada, hiru lantokitatik batean gatxiago pagatzen zaie obreroei; hirutatik bitan legezko lan orduak baino gehiagoz aritu behar dute beharrean. Soldata duin baten eta herrialdean dauden soldaten mediaren arteko tartea ere esanguratsua da. Kanbodian familia batek hilabetea txukun –ez Euskal Herriko bizi-baldintzetan, prefosta- bizirauteko behar baditu 229 euro, 115 euro irabazten ditu. Indonesian tartea 209 eurotik 102ra doa, eta Vietnamen 247tik 174ra. Lan baldintzetan kontatu behar dira osasun arriskuak ere, langileek nozitu behar dituzten pozoi toxikoenak tartean. Kirol oinetakoen ezaugarriak gai kimiko kaltegarriak usatuz lortzen dira: eguzkia jasaten duten tinduak, ura eta hezetasuna jasateko PFC perfluorokarburoak, bakteriei aurre egiteko zilar ioiak, eltxoen kontrakoak…  Nikek bezala Adidasek sinatu dute Blue Sign programa, beren hornitzaileen artean gai toxikoak eragozteko, baina ekoizpen katean nork bermatu hainbeste azpi-kontrata egiten ari dena? Nazioarteko kanpainen azpitik eta gainetik, inork ez du lortu marka handien logika haustea, alegia, publizitate eta babesletzako gastu eta inbertsioak jartzea azpi-kontratetako langileen bizi baldintzen gainetik. Horregatik, Basta!rako artikulua egin duten Germain Lefebvre eta Ivan du Royk esan duten moduan, "Euro 2016rako UEFAk Adidasi eskatu dion baloia Pakistanen ekoiztua izango da, azkeneko Munduko Kopakoa izan zen moduan".
news
argia-a0894986b688
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/baionako-barraraino.html
Baionako Barraraino
Itxaro Borda
2016-01-31 00:00:00
Baionako Barraraino Kanta hau bihikatu zaigu frankotan ahotsean behera, haurrak loak hartzeko orduan adibidez, edo, Baionako Barrara abiatzean, Bizkaiko Golkoaren altzo emankorrean begia pausatuz, saihetsean genituenak sosegatzeko. Abesbatza eta artista askok grabatu zuten, hala nola Amaia Zubiriak, Elaudi taldeak, Urkok, Elefteria Arvanitarekin Kepa Junkerak eta Joseba Irazokik, rock bertsio harrigarri batean... Ohikoan euskal lo-kanta ederrenen zerrendan aurkitzen dugu kopla sorta zohar eta labur hau. Perla preziosoaren antzera distiratzen du gure kulturaren ortzi sakonean. Edonork kanta dezake berea bailitzan, Baionan bezala Elorrion ere. Maitasunak ala bakartasunak larrutu lagunaren betazalak hezetzen dira abestia aitzina doala bukaerako bertsoaren harkaitzean lehertzeraino. Lo-kantak, umeak atsedenaren zurrunbilora gidatzeko obratxoak, munduko jendarte guztietan aurkitzen dira, lekuak, hizkuntzak eta jaidura nahastuz, ahoskatzen, xuxurlatzen edo ezpainak mugitu gabe aireratzen direla. Ama –dagoeneko aita halaber– eta umea dira hemen pertsonaia nagusiak: ukimena eta soa bezain garrantzitsua den boza da, bien arteko komunikatzeko baliabidea. Haurren hizkerara hurbiltzearren, onomatopeiak, zintzur-soka jokoak, hiztegi bereziak erabiltzen dira eztitasunez hanturiko lotura horren gauzatzeko: Buba buba ñiñaño Haurra duxu mimiño... Sehaska-kantek ahozko tradizioaren atal ikusgarria osatzen dute. Hitzak eta soinua uztartzen dituen ekintza poetiko horretan bien arteko harmonia bat sortzen da, ama eta haurra, biak aldi berean sozializatzen saiatuz. Irakats tresnak ere badira alabaina. Itsasoa Laino Dago honetan amak haurrari erakusten dio naturako elementu ezberdinak aipatuz zenbat maite duen. Beste batzuetan umeak lo egiten ez baldin badu zer gertatuko zaion jakin arazten dio: Ez baduxu egiten lo  Jinen da xakur handiño... Melodia, halatan errepikakorra da, marmara bat, sehaskaren kulunka neurtuz harilkatzen dena, hizkuntza musika bihurtzen dela, gurasoak haurrekin, uterotik atera bezain laster, soka ikusiezinaz lotzen dituela. Herrialde batzuetan, amen ordez, gizonezkoek dituzte lo-kantak salmokatzen, demagun Afrika erditsuko pigmearren herrietan, europar eredua ez dela bakarra azpimarratzeko. Lehen koplak, geografikoki kokatzen du eresia. Kanta zaharren egiteko moldea da –Lakarri, Lastur, Urtsua...– eta oraindik erabiltzen da gertakariak nehork ahantzi ez dituen leku propioetan txertatzeko, Gaztelugatxe, Deustuko Zubia, Nebraska ala Desolation Row izan. Ziur gaude, Landatarrek beraien Euskaldun auzoei leporatzen zieten 1578ko Aturriren bahiketa finkatuko zuen Baionako Barraren eraikuntzaren ondotik sortu zela.  Itsasoa laino dago Baionako Barraraino: Nik zu zaitut maiteago Txoriak bere umeak baino! Itsasoa laño dago, bare alegia aroa agudo aldatzen den arren, orduko erabakitzaileen nahikundez moldaturiko ingurune maritimo horretan. Erromatarren denboretan Capbretonen eta Erdi-Aro garaitik hara Port d'Albreteko portuan itsasoratzen zen Aturri, joan etorrian, delta heze eta bihurri nagituz. Noizbehinka, Baionatik edo Angelutik zulatzen zuen itsasora, hala nola 1164an.  Baina ez zuen irauten eta Baiona pobretzen zihoan. Frantziako Charles IX erregearen zaleak ziren Lapurdiko jaunttoek behin-behineko erabakia hartu zuten. 1578tik aitzina, ondorioz, Escuriala marraztu zuen Louis de Foix arkitektoaren zuzendaritzapean ibaia desbideratu zuten, aho berria gaurko Bokalen irekiz. Baionako Barra orduan luzatu zen, hasierako egurrezko egitura XIX. mendean harri gotorrez indartuz. Duela hiru urteko galernek barra mugiarazi zuten eta blokeak ekarri zituzten oinarriak finkatzeko.  Sehaska kanta hau irakurtzean, kantatzean, gauza batez ohartzen gara: orokorrean sinesten dena gezurtatuz, euskaldunak betidanik izan dira berritasunak ohoratzeko eta integratzeko prest, musikak, dantzak, hitzak, teknikak –trena, autoa, traktoreak– edo eraikuntza ikusgarriak. Baliteke halaber Aturri Baionaren esku uzteko lanak hain harrigarriak izatea non hauek edonon, edonola, aipatzea ezinbestekoa zirudien garaikideei.  Poeta ezezagunak zizelkatu elegia saila itsas giro beratz batean troxatua datorkigu. Argi dago uraren funtzioetatik bat amodioa sinbolizatzea dela, naturaren oparotasuna, ama-ontziaren gozotasuna eta harreman amakoia. Urak garbitzen gaitu, urak biltzen gaitu, gure herria itsasoak azpiltzen du, ibaiak eta iturriak anitz dira Euskal Herriko lurretan. Baionatik Angelurako edo Bokalerako behialako larre gazietan haizeek bulkatu etxe bakartia irudika dezakegu, supazter zokoan sua, kanpoan gau zohardia eta barnean ama-haurrak lo ezin, aita eta gizona urrun dutelako, arrantzara, lanera edo gerrara joana: Aita gutaz oroit dago Lainopean gaueraino! Nik zu zaitut maiteago Arraintxoek ura baino! Amak, loaren zurrunbilora eraman nahi duen umea, mutila ala neska den ez dakigu. Haur bat da, soilik, azalpen gehiagorik gabe. Azken aurreko koplan aipatzen den aingeruño kuttunak ere ez du haurraren generoa zehazten. Gauak eta itsasoaren hurbiltasunaren sentsazioak ezaugarriak ezabatzera bulkatzen du bertsolaria. Poesia, laino giro laño horretan erraldoi altxatzen da.  Kantaren sortzaileak konparaketak baliatzen ditu bere diskurtsoaren zurkaizteko. Ama horrek bere haurra, txoriak bere umeak baino maiteago duela aldarrikatzen da hemen: erkaketaz gain, superlatiboa ondorioztatzen da kopla bakoitzaren hondar bi lerroetan. Halaz, olerkiko maitasunaren absolutua seinalatzen dabil egilea, etengabe.  Metaforak bi alorretan garatzen dira, batetik familiarte domestikoan eta bestetik kosmosaren espazio mineralean, txikitasunetik handitasunerako norabidean. Aitaren aiduru daude, afaria sutan dago, gauaren amultsuan: Afaria sutan dago Bero-bero sarridiño: Nik zu zaitut maiteago Egur onak sua baino. Abere urriak izendatzen dira: txoriak eta arraintxoak. Airea hegaztientzat eta ura arrainentzat hil ala biziko elementuak direla argi uzten du testuak. Supazterrean erretzen dabiltza suaren kalipua biderkatzen duten egur onak. Janariaren eta egoitzaren berotasuna ziurtatzen dute, guraso bakarreko familia horren zortea gerizatuz.  Intimitatetik kosmologiaren mailara igarotzen da poeta izarrak, ilargia eta iparretik hegora hedatu ortziaren borobila aipatzen dituenean. Iparrak hegoaren premia du izateko, berdin ilargiak gauarena, distiratzeko.  Izar xuriz mila dago Iparretik hegoraino: Nik zu zaitut maiteago Ilargiak gaua baino.           Baionako Barrara doanak ardura, itsasoa lasai eta nagi ikusteko aukera dauka, Bokaleko zein Angeluko ezpondatik. Larrazkeneko uhin basatiak harrotzen direnean aldiz, Aturri hegiak eta itsas ahoko eremuak nahas dabiltza, lanjeros, beldurgarri, bitsa ttantta gaziak denetan barreiatzen direla haizearen eraginez.  Ama bakartiak supazter izkinan haurrari xuxurlatzen dion lo-ahaidean ere, bukaeran agertzen da galerna, egoeraren funtsaren harkaitza: Orai haurra hor lo dago: Lo egizu, aingeruño Nik zu zaitut maiteago Zure aitak nihaur baino. Umea lotan dela emakumeari egiaren aitortzeko ordua datorkio. Kantaren tristura nabaritzen da, malenkonia, nostalgia, hasierako laino trinkoaren moduan, guztia setiatzen duela. Haurrari sinetsi arazi zion aita hark beraietaz oroitzen jarraitzen zuela, errealitatea arras bestelakoa izanagatik: aita joana da, ama hura ez du maite. Sehaska balantzatzen duen neurrian bizitzaren oinarrizko ezaugarriak irakasten dizkio: abandonua, bakartasuna, maitasunaren iraupena ororen gainetik.  Itsaso ertzean harilkatu kanta hauetan ama-haurraren arteko amodioaren samurtasunak utzikeriaren minak eztitzen ditu, egunerokotasunaren isuria baimenduz: Nik zu zaitut maiteago...
news
argia-232b9dcca086
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/filantrokapitalistak-erruki-handiz-kateatzen-gaituzten-oligarka-horiek.html
Filantrokapitalistak, erruki handiz kateatzen gaituzten oligarka horiek
Pello Zubiria Kamino
2016-01-31 00:00:00
Filantrokapitalistak, erruki handiz kateatzen gaituzten oligarka horiek Aberats handiek beti maite izan badute karitatea erakustea, muturreko kapitalismoaren garaiotan, filantropia bera muturreraino eramaten ari dira, Facebookeko ugazaba Mark Zuckerbergen filantropiazko azken operazioak erakutsi duenez. Konplexuak galdurik, oligarkek erabaki dute filantropia erabiltzea batak bestea aberatsagotzeko. 2015eko abenduaren 1ean mundu osoari opari handi bat iragarri zioten Faceboocken jabe Mark Zuckerberg eta bere emazte Priscilla Chanek: Faceboocken akzioen %99, zehazki 45.000 milioi dolarren balioa, gizakiaren aurrerapena sustatzeko. Senar-emazte txit aberats filantropoek eskuzabaltasun keinuaz ospatu zuten beren seme Maxen jaiotza. Facebookek zabaldutako gutunean , Zuckerberg aita-amek ttikiari azaldu zizkioten donazioaren bi helburu nagusiak. Bata, giza bizitza azken mugetaraino hobetzea, sustatuz medikuntzan, ekonomiazko aukeretan eta informazioaren eskuratzeko ahalmenean zentratutako proiektuak. Bestea, txirotasuna hobetu eta baztertutako taldeak ahalduntzea. Zuckerbergtarrek edo beste fundazio ospetsu baten jabe diren Bill eta Melinda Gates bezalako jendeek osatzen dute filantrokapitalismoa deitzen dena. Kontzeptua The Economist astekariko Matthew Bishop ek asmatu zuen 2008an. Globalizazioaren garaiko karitatea aztertzen hasita, baina, Linsey McGoey soziologo ingelesak bere liburuaren tituluan ipini bezala, " Doako oparirik ez da: Gates fundazioa eta filantropiaren prezioa ". In These Times gune aurrerazalean elkarrizketaturik, McGoeyk argitu du egunokaz hainbeste miresmen pizten duen karitate hau ez dela berria batere. Gaur munduan ezagunak diren fundazio klasiko handiak, Carnegie, Rockefeller... beren korporazioen antzeko egituraz antolatu zituzten izen bereko industrial handiek. Emaitzetan oinarritutako filantropi estrategia, Gates, Warren Buffett, George Soros eta abarren fundazioek hain famatu egin dutena, modernoa da baina XX. mende hasieratik da ezaguna. Halere egia da Facebookeko nagusiak urrats berria eman duela. Gatestarrena bezalako fundazio klasiko batek Estatuarentzako zergak arintzearen truke diru-laguntza ematen badio enpresa komertzial bati, badauzka legezko baldintza batzuk segurtatzeko diru hori ongintzarako erabili dela eta ez etekin pribatuetarako. Aldiz, Zuckerbergek ez du fundaziorik sortu, erantzukizun mugatuko korporazio bati ( LLC Limited Liability Corporation ingelesez) eman dizkio bere akzio ia guztiak eta honek baimentzen dio ustezko karitatearen diruak zeinek zertan erabili dituen ez publiko egitea. Helburuak publikoki ezagutarazi arren, dirua inoren kontrolik gabe erabili. Filantropiazko lanetarako dirutzak edozein enpresa komertziali eskainita ere, herritarrak usteko dute plutokratak bere altxorra oparitu egin diola gizadiari. "Hona hemen –dio McGoeyk– filantropia berri baten jaiotza: aberatsek opariak zuzenean aberatsei egiten, orain arte sekula ikusi gabekoa. 'Korporazioen filantropia' kontzeptuaren esanahia aldatzen ari da erabat. Lehen adierazten zuten korporazioek beren etekinen zati bat irabazirik gabeko erakundeei ematen zietela. Orain, berriz, oso bestela da: korporazioen filantropiak egiten du ustezko karitatea diruz lagunduz beren buruak diru-laguntza beharrean direla argudiatzen duten enpresa komertzialei". Mugarik gabeko aberatsak Justizia globalaren gaiak jorratzen dituen beste aditu batek, Cynthia Petersek, hau idatzi du The Change Agent aldizkarian: " Corporate Charity Is Corporate Power " . Karitate honek multinazionalen boterea sendotzen duela argudiatzeko arrazoiak aurreratu ditu. Korporazio batek zergak arintzen ditu kontratatzen duenari ere arinduz: munduko 10 aberatsenetako bat den Zuckerbergek akzioak LLC berriari pasatuz kasik zergarik ez du pagatuko, eta honi lanak egingo dizkioten enpresek ere ez. Bestetik, oligarkiak bere burua sendotzen du. Orain arte, zergen dirua gastatzeko moduaz herritarrek zerbait erabaki zezaketen, mobilizazioen bidez politikariei presio eginda. Hemendik aurrera Zuckerberg bezalako pertsonen eskuetan geratzen da aberastasuna zertan gastatu erabakitzea. Demokrazia ahultzen dute filantropook. Jende ahulenen bizimodua hobetzea Estatuaren gain egotetik oligarken "eskuzabaltasunaren" mende egotera pasatzen da: ospitale bateko zerbitzu berri bat finantzatzea dela, ikastetxe bati oparia... txiroen eritasun guztien artean lehentasuna duena malaria ala beste bat den ere eztabaida publikoz ez, nagusi jaunak erabakiko. Ororen buru, Petersentzako filantropiazko estrategiok kapitalismoari distira emateko public relations operazio erraldoiak dira. "Muturreko berdintasun eza daukagunez, muturreko filantropia ere badaukagu". Intermon-Oxfam GKEak zabaldu berri dituen datuek erakutsi dute muturreko berdintasun ezarena ez dela esajerazioa. Munduko 62 pertsona aberatsenek ondasun gehiago daukate 3.600.000.000 txiroenek baino. Are larriagoa da ikustea egoera txarrera doala: mundutarren erdiak adinako ondasun osatzeko 2010ean 388 aberats behar ziren, 2011n 177... 2014an 80 eta 2015ean 62. Nola baimentzen dugu herritarrok filantrokapitalismoa? Linsey McGoey soziologoak zenbait esplikazio aurreratzen du. Neoliberalismozko azken hamarkadotan egia eztabaidaezina bihurtu da esatea enpresa pribatua efizienteagoa dela publikoa baino, eta honen hutsuneak azkenean hark bete behar dituela. Benetako egia ezkutatuz: Bill Gates eta gainerako oligarkak funtsean Estatuaren laguntzari esker aberastu direla, patente, kontratu publiko, pribatizazio eta abarri esker. Ate errotetan gizentzen diren politikari-enpresarien konplizitatez, etekinak korporazioek eraman dituzte, galerak oro estatuen esku lagata. Globalizazioarekin, gainera, kapitalismo basatiaren kalte odoltsuenak urrutiko herrialdeetara lekualdatu dira, herrialde aberatsetako jendeak desmobilizatuz. Ez zen horrela XIX. amaiera-XX. hasieran. "Andrew Carnegie altzairuaren erregea –dio McGoeyk– lehenbizikoz mintzatu zitzaienean beste aberatsei beren altxorren zati bat pobreen laguntzeko erabili beharraz, langileak greba eta liskarretan ari ziren Carnegieren burdinoletako lan-baldintza gogorrengatik kexu. Langile haiek herritarrak alde zeuzkaten". Aberats ustez karitatetsu haiek ere bazituzten aldekoak herritarren artean, bai propagandista fidelak ere, baina eszeptizismo handia zabaldua zen haien sakoneko asmoez. Garai hartan baziren idazle handiak, hala nola Oscar Wilde edo Charles Dickens, saiakeran bezala fikzioan satirizatu eta salatu zutenak orduko filantropia, berdintasun eza lausotu ez baina handitzen zutelako. "Gaurko literatura irakurrienean nekez aurkituko duzu horrelakorik".
news
argia-784fd54ddcce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/krisiaren-gerra-balantzea-2008-2015.html
Krisiaren �gerra� balantzea (2008-2015)
Gorka Moreno M�rquez
2016-01-31 00:00:00
Krisiaren �gerra� balantzea (2008-2015) Azken datu makro-ekonomikoek diotenaren arabera, krisitik irten gara eta benetako lehen "kimu berde" famatuen aurrean izan gaitezke. Eztabaidatu gabe fase horretan zein neurrian gauden ala ez, une egokia izan daiteke zein izan den krisiaren emaitza eta zer den datorrena aztertzeko. Egia esateko, krisiak ez du gauza berri gehiegirik ekarri, eta aurretik zetozen hainbat tendentzien areagotzea ekarri du, azken urteetan horien abiadura azkartu baino ez du egin. Horien artean, akaso, esanguratsuena da gizarte-ezberdintasunak are nabarmenagoak direla, eta gehien duten eta gutxien dutenen arteko tartea zabaldu baino ez duela egin.  Zentzu horretan, argi dago zein diren galtzaile nagusienak: krisia baino lehen gure gizartearen behe postuetan kokatzen zirenak. Klase ertainak eta ertain-altuek askoz hobeto eutsi diote krisiari eta askotan ez dute kalte gehiegirik izan. Beste era batera esanda, lanaren kapitalen bizkar bizi direnen porrota eman da –langileria, prekarioa– eta aldiz, kapitalen errenta dutenen edo gutxienez bien uztarketa ahalbidetu dezaketenen gorakada izan da. Ezin dugu ahaztu zein izan den burtsaren bilakaera azken bi urteetan. Hori guztia ulertzeko, argi dago, gizarte-politiketan eman diren murrizketak kontuan hartu behar dira, baina hau bezain garrantzitsua da lan-merkatuan eman den eraldaketa, azken urteetako lan-erreformen bidez. Iruditzen zait, sindikatu batzuk salbu, ez diegula behar bezalako garrantzirik eman lan-erreformei. Erreforma horiek negoziazio kolektiboa eta langileen negoziazio-ahalmena ahuldu dituzte eta honen ondorioz nabaria da lan-harremanen prekarietatea azkartu dela azken urteetan. Soldaten jaitsierak adibide esanguratsuak dira.  Industria da sektorerik aipagarriena, tradizionalki lan-harreman arautuak eta beraz soldata nahiko duinak zituena. Oso nabarmena da azken urte hauetan soldatetan ematen ari den jaitsiera, nagusiki langile berriei dagokienean. Kontutan izanik industria izan dela orain arte "euskal eredu sozio-ekonomikoaren" sostengu nagusienetakoa, nabaria da eredua bera ere zalantzan jartzen ari dela, hau da, soldata altuak eta gizarte-politika zabaletan oinarritutako gizarte-kohesio eredua. Zoritxarren emaitza larria da, ezegonkortasuna gero eta handiagoa izango da euskal lan-merkatuan eta soldatak gero eta baxuagoak, honen inguruko hainbat datu agerikoak dira honezkero. Iraganean, industria dinamika horren aurreko harresia izan zen, baina orain, lan erreformaren ondorioz, industriak beste lan-sektoreen gero eta antza handiagoa du. Hortaz, arlo sozioekonomikoan bederen, Espainiaren gero eta antza handiagoa dugu –eta areago izango dugu–.
news
argia-8e8f30788096
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/santa-ageda.html
Santa Ageda
Edu Zelaieta Anta
2016-01-31 00:00:00
Santa Ageda Buruan ditudan oroitzapenen arabera, ezin jakin noraino apaindu duen nire memoriak ondotik kontatuko dudana, inbidia galanta sentitu ohi nuen eskola-garaian Santa Ageda bezpera egunean; hain zuzen ere, ikasturte osoan eskolatik kanpora, auzora, ateratzen ginen okasio bakan haietan.  Klaseko lau pertsonak txistua jotzeko ohorea izaten genuen irakasleak hala aukeratuta, publikoki txistua jotzeko ordezkaritza duinena ginelakoan, gainerako ikaskideek makilarekin lurra gogoz eta gogor astintzen zuten bitartean.  Nire psikoanalista argentinarrak sintaxi luze bezain dotore batez agertu didanez, mendekua hartu nahi izan dut handitan. Orain, makila eskuetaratzen dut Santa Ageda bezpera orotan eta, txikitan bizi izandako traumaren ondorioz, txistua jotzen ahaztu zait. Musika-instrumentu bat galdu dut –horren jakitun naiz–, baina lurrari dei kolektiboa egiteko aukera ederki gozatzen dut. Osasunak eztarria errespetatu artean, ozenki arituko naiz kantari, oleska. Makilaren taupada erritmikoekin uztartuko ditut aspaldiko desira ukatuak eta neguan lurra ernatzeko asmo tribala. Pirinioen beste muturrean aginte-makila hartu nahi izan duen Kataluniako herriak bezala.
news
argia-047fba6e07ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/lander-martinez-ahal-dugu-podemos.html
"EAEn gobernu berria eratzea da gure helburua"
Mikel Asurmendi
2016-01-31 00:00:00
"EAEn gobernu berria eratzea da gure helburua" Gasteiz, 1989. Ingeniari informatikoa da. Familia abertzalean hezia. Euskara etxean eta ikastolan jaso du. Unibertsitateko ikasketek Bilbora bideratu zuten duela bederatzi urte. Ahal Duguko kidea da. Hiru urtetarako konpromisoa hartu du Bilboko Ahal Dugukin. Hiriburuko idazkari nagusia da. Espainiako hauteskunde orokorretako kanpainaren koordinatzailea izan da EAEn. Otsail-martxoan alderdiaren kongresua eginen dute EAEko idazkari nagusia aukeratzeko. Lander Martinezek esan digunez, berak ez du kargu horretarako bere burua aurkeztuko. Zer dela eta politikan?  Politika betidanik interesatu zait. Etxean politikaz asko hitz egiten genuen, orain konturatu naiz horretaz, orduan ez nuen horren kontzientziarik. Ikastolan [Gasteizko Olabide] ikasleon aldarrikapenen aldeko lanetan eta borrokan aritu nintzen. Esate baterako, ikastoletan ez genuen greba egiteko eskubiderik. EAEko Ahal Duguren barne antolamendua hizpide: sektore ofizialistako kidetzat hartu behar al zaitugu?  Zer da sektore ofizialista? Datorren hilabeteko kongresuan aurkeztuko garenok azken hauteskunde kanpainan aritu gara. Denok bat egiten dugu Ahal Duguko puntu nagusietan. Une honetan, kontua da gure barne antolakuntza denok batera ulertzea. Ez dago sektore ofizialik.  Beraz, kongresuan ez duzu ikusten alderdiaren homogeneotasunari eusteko zailtasunik.  Homogeneotasuna ere nola ulertzen den. Noski, Ahal Dugu ez da homogeneoa. Baina, uste dut ez dela ona ere erabateko homogeneotasunik izatea. Era berean, ez dut sektore ofizialistakotzat kalifikatua izatea nahi. Ez Bilbon ari garenok [Eduardo Maura Bizkaiko diputatua eta bera hurbilekoak dira alderdian], ezta idazkari nagusia izateko aurkeztuko diren beste hautagaiak ere. Zu izan zaitezke idazkari nagusia?  Ez. Ez naizelako aurkeztuko. Zer antolamendu mota nahi duzu EAEko Podemosen?  Kanpainan ikusi dudanaren ildoan eratu nahi nuke gure alderdia. Azken hiru urte hauetan gure zuzendaritza osatzeko nolabaiteko homogeneotasuna behar izan dugun arren, azken urtean herriz herri eta herrietako zirkuluetan lan handia egin da. Beraz, nire gusturako, tokian tokiko taldeei utzi behar zaie beren lana egiten, hori oso garrantzizkoa da. Herrietako kideak uzten baditugu beraien lanetan, ekitaldiak eta bilerak antolatzen, taldeek oso ongi funtzionatzen dute. Beraz, gure oinarriak indartu behar dira, ulertu behar da uneon erakundea eraikitzen ari garela, kontua ez da sektoreka banatzea, bat bestearen kontra jardutea, heterogeneotasuna onartu behar da alderdia eratzeko. Ahal Dugu oso plurala da Euskadin. Batasun lana egin behar dugu azken hilabeteotan izan ditugun iskanbilak atzera uzteko [Roberto Uriarte idazkari ohiaren dimisioa]. Laster, berriz ere, primarioak izango ditugu, zerrenda prestatzen ari gara. Gero eta hobeto eratuta gaude. Zorionez, lurralde guztietan baditugu zinegotziak eta diputatuak. Horietako batzuk zerrenda batzuetan izango dira,  beste batzuk besteetan. Lorpen handia da hori. Idazkari nagusia izendatu ondoren, EAEko hauteskundeetara begira  denok batera lan egin behar dugu.  Zein dira zuen lehentasunak eta helburu behinenak?  Gure helburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak irabaztea eta gobernu berria eratzea da. Eta hori lortzeko argi daukat, Euskadin autonomia izan behar dugula geure lan politikoa aurrera eramateko, eta aldi berean, estatu osoko erakundea garenez, harremanak mantendu behar ditugu, eta ez bakarrik Estatuko organoekin, beste herrialdeetako organoekin ere bai, konkretuki beste nazioekin, beraien espezifikotasunak kontuan hartuz. Estatuko Podemosekin eta lurralde horietan lan egiten dutenekin konfluentzia batzuk gauzatu dira. Euskadiko hauteskundeei begira, EAJ gailenduko duen erakundea indartu behar dugu. Azken hauteskundeetan hartutako bidean jarraitu behar dugu, hemendik bertatik politika landuz, betiere estatuan ari den alderdi bat garela ahaztu gabe.  EH Bildu garai berri honetan lagun izan daiteke edo arerio?  Guk EH Bildu ez dugu kontrako indartzat jotzen, gai ekonomikoetan eta sozialean bereziki gauza askotan ados gaude. Udaletxeetan eta batzar nagusietan lan asko batera egiten dugu, hainbat gai elkarrekin landu dezakegula ikusi dugu. Noski, bake eta normalizazio arloan, indarkeriaren arazoan eta ildo independentistan iritzi ezberdinak ditugu. Dena den, guretzat argi dago, EH Bildu aldaketarako alderdia da, eta lan egiteko eskua luzatzen diogu. Gu denekin lan egiteko prest gaude egoera ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dudarik gabe, zentzu horretan alderdi hurbilena EH Bildu da.  EAJren alternatiba izateko, gobernu berria osatzeko, EH Bildu lagun izan liteke. Ez dakit. Oraindik ere, gauza asko falta da horretan bat egiteko, goizegi da gure burua gobernu berri horren jokalekuan ikusteko. Hauteskundeak urrun daude, egoera berri batera iristeko denbora gehiago behar da. Alderdi bakoitzak berezko zailtasunak ditu –gu berriak gara, EH Bildu lau alderdik osatuta dago–. Koalizioa osatzen duten indarrek beren bidea egin behar dute. Oraindik, alderdi fronte bat da, hainbat erabaki hartu behar dute subiranotasunaren bidean. EH Bildu eta Ahal Dugu bidelagunak izan daitezke, baldin bakoitzak bestearen bidea errespetatzen badu. Guk behintzat haiena errespetatzen dugu. Hasteko, Euskal Herriaren independentziaren alde ari den alderdia izatea errespetatzen dugu, eta eurek errespetatu behar dute gu estatu osoan ari garen alderdia izatea, Espainiako Estatua plurinazionala dela ulertuz eta onartuz. Beraz, elkar errespetatu behar dugu, baina ez derrigorrez bi aukeren espazioak batzeko. Gu saiatzen ari gara transbertsalitate berriak sortzen. Horretan sartzen ditut Ezker Anitza, Equo, eta aldaketaren alde lan egite duten alderdi guztiak, bidea zabalduz eta alternatibak sortuz joan gaitezen EAJren hegemoniarekin bukatzeko. Helburu hori lortzeko hori da guk urratu nahi dugun bidea. Kontziente zarete oso zaila dela gobernatzea? Ez duzue burokrazian erortzeko bertigorik?  Bertigoa beti daukazu, baina hori da hain justu gainditu behar dena, beldurra atzera utzi behar dugu. Bi urte egin dugu politikan eta orain boterea hartu nahi dugula esan behar dugu argi eta garbi. Oposizioan egotea eta kalean borrokatzea ondo dago, baina orain, adibidez, Euskadiko hauteskundeak irabaztea izan behar dugu helburu, bestela ezin da aldaketa lortu.  Horiek horrela, zer harreman edo sintonia duzue PP, PSE-EE eta EAJrekin? Harreman formalak EH Bildurekin izan ditugu soilik, EAJrekin ere bai, baina ez asko. Nik Bilboko Ahal Dugu udal taldearen barruan lan egiten dut. Hiru alderdi horietako taldeekin hitz egin behar izaten dugu politika aurrerazaleago bat gauzatzeko. Lasaitasunez aritzen gara denekin, nahiz eta PPkoak oraindik ere oso burugogorrak diren. Adibiderako, hor dago Arantza Quirogaren kasua. PP euskal gizartea eskatzen ari denarekiko atzean geratu da, ez dute ausardiarik beren politika aldatzeko. Hala ere, egiari zor, denek, bakoitza modu ezberdinean bada ere, EH Bildu barne, Euskadin oraindik ere ez gaituzte aintzat hartzen, ez gaituzte hemen sortutako alderdi bezala hartzen, luzerako egongo den alderdi bat bezala. PP, PSOE eta EAJri bereziki molestatzen diegu. Andoni Ortuzarren hitzak entzunda, EAJk ez gaitu onartzen hemengo joko politikoan, ez guztiz behintzat.  Estatuko Podemos hizpide orain: alderdia birfundatu beharko litzatekeela entzun diet zuen alderdiko batzuei. Besteak beste, hainbat kidek kargu politiko bikoiztua izango dutelako. Zer iritzi duzu kargu bikoitza izateari buruz? Ez dut uste kargu bikoiztua izatea txarra denik, kide horiek alderdiko barne bizitzarekin harremanetan izatea ez dut gaizki ikusten eta, alderantziz, ona dela uste dut. Nik pertsona batzuk hobesten ditut alderdiko zereginean aritzeko eta bestetzuk egoki ikusten ditut instituzioetan. Aldi berean, kide batzuek bi kargu izateak alderdiko eta instituzioetako lana garatzen laguntzen du, alderdia eta instituzioen artean konexioa egon behar delako. Noski, ez nuke nahi bakar batek ere bi kargu baino gehiago izatea. Eta Podemos birfundatzeaz zer diozu?  Orain arte osatu dugun alderdia hauteskundeetara joateko izan da, erabaki azkarrak hartzeko. Lerro politikoak azkar definitzeko hori oso eraginkorra izan dela konturatu gara. EAEko hauteskunde autonomikoak ditugu aurten eta horiek izan arte hoberena alderdia dagoen-dagoenean jarraitzea da. Hauteskunde ziklo hau amaitu ondoren, herrialdeka lan asko egin beharko dugu, herri mugimenduaren forma izatetik alderdi forma gehiago izatera joan behar dugu. Horri birfundatzea deitzen al zaio? Ez dut uste. Guk lan egiteko modu bat dugu herri kontseiluetan eta herri zirkuluetan, horiek ondo landuz gero alderdia indartua atera daiteke. Egia da, hurrengo hauteskundeen ondoren inflexio unea izango da, harremanak sendotu beharko ditugu hainbat mugimendu, pertsona eta alderdiekin. Alderdia indartu behar dugu herri mugimendua atzean utzi gabe.  Espainiako Gobernuan edo oposizioan egotea nahiago duzu? Nola jokatu behar du Podemosek?  Aukeran, gobernuan egon nahi nuke. Eta posible balitz bakarrik. Ez dut uste gobernu koalizioak onak direnik. Une honetan ez dago gehiengo osorik duen alderdirik, hala ere, nahiz eta gobernuan gutxiengoan izan, Podemos saiatu behar da Gobernuan izaten. Noski, une honetan Podemosen zeregina ez da gobernua sortzea, PP eta PSOE gure aurretik daudenez, haiek saiatu behar dute lehenik. Katalunian gertatutakoak erraztu egiten du oraingo estatu ereduan sinesten dutenek pixka bat hurbiltzea, horiek zenbait puntutan ados jartzea (PP, PSOE, Ciudadanos). Guk akordioa lortzeko ez ditugu haien nahi berberak, haienak ez dira gureak. Dena den, Kongresua oso zatituta dago eta hauteskundeak errepika litezke, errepikapenaren beldurra hor dago.  Horiek saihesteko PSOErekin osatuko zenuke Gobernua?  Hori ez dago nire esku. Nik ez nuke aukera hori egingo. Ez da unea.  Kataluniako Gobernua osatu da. Nola ikusten duzu prozesu independentista? Prozesuaren bidea deskonexioa aurrera eramatekoa da, unilateralki, eta bide unilaterala ez da ona gizarte katalanarentzat, gure ustez. Ulertzen dugu Espainiako Gobernuak behin ere ez duela lagundu arazoa bideratzen eta konpontzen. Jarrera oso borrokatuak izan dira: alde baten eskaerari entzungor egin dio besteak, arazoa politiko denari eta orobat Katalunian gertatzen ari zenari bizkarra eman diote Madrilen. Hori ulertuta ere, ez dugu egoki ikusten prozesuaren bultzatzaileak bestearen kontrako jokalekua bilatzea, hau da, unilateralki jokatzea ez da modu ona deskonexio prozesua aurrera eramateko. Erreferenduma edota erabakitzeko eskubidea gauzatzeko alderdi nagusia CDC da, murrizketen eta ustelkeriaren   alderdia. Estatu Katalana sortu nahi bada, gutxienez, murrizketa sozialak gutxitzeko izan dadila.  Podemos EAEn, Katalunian eta Galizian lehen indarra izan da. Zer balorazio egin duzue emaitza horiez?  Emaitzek erakutsi dute tokian tokiko alderdiekin funtzionatzeko gure estrategiak balio duela, eta ez bakarrik herrialde horietan, emaitzek ere erakutsi dute estatu plurinazionala osatzen dugula. Eta dugun estatua ez soilik zahartua dagoela, ez dela inoiz erreala izan baizik. Zoritzarrez, oraindik jarraitzen dute diskurtso horrekin. PSOEko Susana Diezi entzun diogunez " Lo primero es la unidad de España ". Nola zabaldu daiteke tankerako mezu bat? Azken hauteskundeek erakutsi dute berriz ere zein den errealitatea. Gure ustez, estatu proiektu berri bat sortu daiteke, komuna edo ez, baina proiektuak herriek nahi duten bezalakoa izan behar du. Gure aldetik erabakitzeko eskubidea bermatzeko borondatea dago, estatua plurinazionala da eta hainbat puntu adostu daitezke. Ideia hori estatu osoan agertu da, Ahal Duguri bozka eman diotenek mezua ulertu dute. Duela bi urte inork ez zuen pentsatzen 5.000.000 herritarrek boza emango ziotela Katalunian erreferenduma defendatzen duen Ahal Duguri. Orain berriz, jendetza bat dago horren alde. Hori klabeetako bat da. Estatu periferiako Podemosek eta Espainiako Podemosek espainiartasuna berdin bizi edo defendatzen dute?  Bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ziur aski, Katalunian batzuk espainiar sentitzen dira eta bestetzuk katalanak. Espainian espainiar sentituko dira, normala den bezala, baina nazio artekotasunak ez du oztopo izan behar estatua plurinazionala izan dadin. Kontua da bakoitza bere naziotasunarekin eroso sentitzea bai politikan bai bizitzan, beste nazionalitateak errespetatzea, lagun bezala ikustea eta unea iristen bada, bestearen proiektua errespetatzea. Alegia, espainiar sentitu edo ez, inork ez du katalanen bidea oztopatu behar, aitzitik, bakoitzak bere eskua luzatu behar du besteak bere bidea egin dezan.  Pablo Iglesias eta Iñigo Errejón erabakitzeko eskubidearen alde irmo ikusten dituzu?  Bai. Nik uste dut hori argi dagoela erakunde osoan. Iglesias gabe, Podemosen proiektua gauzagarria al da egun? Ez al da arriskutsua liderraren figura indartsua? Pablo Iglesiasek badu irudi indartsu bat, baina bere azpian badago erakunde handi eta sendo bat. Podemos jende anitzek eta ezberdinek osatuta dago, jende gazteak sortua da gehienbat. Nahiz eta hedabideetan lider indartsuaren irudia agertu, bozeramailea da, eta Pablo Iglesiasek bere rola dauka. Bere jokabidea komunikabideetan gure alderdiaren zereginaren parte bat da. Baina, adibidez, Bilbon guk hartzen ditugu geure erabakiak, gu gara gure taldeen bozeramaileak.
news
argia-cd98e91b11c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/peli-romarategi-misiolari-artista.html
"Ebanjelizazioa edertzea omen zen nire egitekoa Ekuadorko misioetan"
Miel Anjel Elustondo
2016-01-31 00:00:00
"Ebanjelizazioa edertzea omen zen nire egitekoa Ekuadorko misioetan" Zer gordetzen da gure herrietako zahar-etxe, komentu eta gisako ezkutalekuetan? Zenbat istorio eta historia, zenbat bizipen gozo eta mikatz, zenbat poz eta neke? Peli Romarategiren biziak bost toles ere baditu. Peli Romarategi, Fernandez de Romarategi. Bai, bai, zuzen zaude. Peli Romarategi agertzen naiz beti toki guztietan, baina badakizu, arabarrok deitura konposatuak ditugu. Fernandez de Romarategi Lanas Bengoa Ruiz de Gordoa naiz. Aita Otazukoa nuen, eta ama, berriz, Apellanizkoa. Peli duzu ponteko izena, ala gero euskaratua? Ez, ez, Peli naiz ni jaiotza-agirian ere. Nahiz eta Peli izenaren ondoan Felix jarri zuten parentesi artean. Izen sabindarra Peli. Egia esan, gurean zaharrenak Isabel izena zuen, baina haren atzetik etorri ginenok Sabinoren modako izenak jaso genituen: Kekile, Gergore, Julen, Sabin eta Peli. Gurean aita oso abertzalea zen, eta euskararen zalea ere bai. Euskaraz ez bazekien ere, txera berezia zion. Aita Otazukoa, ama Apellanizkoa. Nekazariak izango ziren, hortaz. Haien gurasoak seguruago. Ni jaio nintzenerako Gasteizen bizi ziren. Aita ebanista genuen, eta Bonilla etxe ezagunean egin zuen lan. Ama, etxean, gu hazten. 1922an jaio nintzen ni, Errementari kalean, Gasteizko alde zaharrean, orain Ahateen iturria dagoen horretan. Baina, jakina, zeharo aldatua dago dena. Inguru horrek Aldabe du izena orain, baina orduan Santo Domingo zen hori. Aldabe gabe, Aldape zen sasoi hartan; bene-benetako herri txiki bat, esaterako, etxetxoak, ortuak, oiloak han, txerriak hemen… Ikastola bat izan zen zuen etxetik ez aparte, Zapatari kalean. Bai, hara ere joan nintzen. Lehenengo Campilloko [Landatxo] eskolara joan nintzen, eta gero berriz, Alira bideko eskolara. Gero, ikastolara. Etxean abertzaleak ziren, eta baten batek esana izango zion zer edo zer gure aitari, eta Soliren [Solidaridad de Trabajadores Vascos, ELA] ikastolara hasi nintzen. Frantzisko Xabier Landaburu diputatuaren arreba izan genuen irakasle. Oso andereño ona. Zapatari kalean baino lehen Bakea kalean egon zen ikastola, etxebizitza batean. Baina etxe txikia zen, eta umeak, berriz, 20, 40. Jolas ere korridorean egiten genuen. Gero, Zapatarira joan ginen. Leku handiagoa han, eta baratzea ere bai han ikastolak. Nik hamar, hamabi urte izango nituen. Goizez eta arratsaldez joaten ginen hara. Eta zer izan zen Gaztetxu? Iluntzean joaten ginen lekua. Jende pila bat joaten zen hara. Neska eta mutiko haziak, ez bakarrik umeak. Dantza, antzerkia eta horrelakoak egiten genituen. [Lopez] Uraldetarrena zen etxea, eta Isabel Lopez de Uralde buru, gero moja joan zena Berrizko mesedetakoekin. Han ikasi zenuen dantzan, beraz. Eta horrela zaitugu dantzari 1934ko Aberri Egunean, Gasteizen. Bai. Gaztetxuetakoak ginen, eta dantza egiten genuen jai egun handietan. Aberri Egun hartan bai, eta Prudentzio Deunaren egunean ere bai, adibidez. Eta mitinetan ere dantza egin genuen, Espejon eta Izarran, adibidez. Txikia nintzen, baina akordatzen naiz horretaz. Horrelako giroa zegoen Gasteizen eta Araban sasoi hartan. Gero, gerra etorri zen, eta kito dena. Aita ere gerra aurrean hil zitzaigun, gaixorik, eta betikoa: batzuk kartzelara, beste batzuk erbestera. Gure anaia Julen Bilbon eduki zuten. Koinatuetako bat, kartzelan. Beste bat, atzerrian… Ni etxeko txikiena nintzen, eta Gasteizen. Zer giro izan zen Gasteizen gerra garaian eta ostean? Ez zen giro! Badakizu Azazetara eraman eta nola hil zituzten hamasei lagun haiek. Hemen bertan kontatu zigun historia hori Jesus Estrada Arrondo zenak [Argia, 2087 zbkia.] Errepresioa gorabehera, zuek ez zineten geldirik egon. 1944an bosteko bat osatu zenutela irakurri dut, erresistentzia helburu. Soldadutzatik etorri berri nintzen. Martin Kortazar adiskidea nuen, eta berak eman zidan Pax Romanaren kongresuaren berri. Gasteizen zen egitekoa [1946, uztailak 18], eta Frantzisko de Vitoriari omenaldia egitea eta monumentua inauguratzea ere pentsatuta zeukaten. Orduan, guk [Iñaki Olano, Martin Kortazar, Quintana, Manuel Garcia de Andoin, Eugenio Saenz Lanas eta Peli bera] ekintza bat egitea pentsatu genuen, jende asko baitzen etortzekoa: unibertsitate askotako irakasle ospetsuak eta zenbait herrialdetako agintariak. Zapalkuntza egoera salatzea pentsatu genuen guk, eta ikurrinaz eta panfletoz bete genuen Senda pasealekua, Frantzisko de Vitoriaren monumentura bide osoa. Ikurrinak jarri genituen pasealekuko arboletan: hartu soka bat, lotu mutur batean ikurrina, bestean harria, eta arbola adarretan zintzilik utzi genituen gure ikurrinak! Kar, kar… Zer zioten panfletoek? "Preso politikoen askatasuna", "Gerra bukatu da, soldaduak etxera", "Ateak ireki erbesteratuei", "Kito kontzentrazio-esparruak eta lan behartuak"… Eta unibertsitateetako irakasleak eta atzerriko agintariak zeramatzan autobus barrura panfletoak bota genituen. Baina harrapatu egin zintuzten. Bai, bata bestearen atzetik. Urte eta erdi eduki gintuzten Bake kaleko kartzelan. Legez kanpoko elkartzea eta propaganda ilegala egotzi ziguten. Kartzela eta isuna. Horrela zen garai hartan. Eta gero, betikoa, behin kartzelara eramanez gero, hurrena zerbait gertatzen zenean, barrura! Arriskutsuak omen ginen. Eta Francoren aldeko agintariren bat Gasteiza etortzen zenean, gu beti barrura. "Badaezpadako neurria" omen zen. Hainbat aldiz eduki ninduten kartzelan, Gasteizko lagun askorekin batera. Famatua da garai hartako Gasteizen Bruno Apodaka polizia zitala. Gaiztoa, bai. Fama zuen hainbat pertsona hil zituela hemen inguruan. Berak esaten zuen, batere lotsarik gabe. Mutikotan harekin ikasitakoek esan ere egiten zuten: "Bruno? Eskolako tentela zen eta!". Gure aitak Gaueko adorazioan edo halakoren batean ezagutu zuen. Ni harrapatu nindutenean, hantxe Bruno, eta esan zidan: "Gizon ona zen zure aita. Baina nazionalista". Ez zen oso gizon argia, ez, Bruno hura. Andoni Urrestarazu Umandi ere harrapatu zuten Frantzisko de Vitoriaren omenezko ekitaldien barruan. Harekin hasi zinen euskaraz ikasten. Bai. Andonik testu bat idatzi eta Frontoi hotelean ostatua hartuta zeuden kongresistei utzi zien, haien geletara sartuta. Andoni eta beste zenbait lagun ere harrapatu zituzten eta kartzelan gertatu ginen denok. Eta kartzelan hasi nintzen Andonirekin euskaraz ikasten. Ehun ikasgai bete genituen han, libururik gabe. Andoni oso buruargia zen. Lapitza hartzen zuen, koaderno batean idazten, eta guk ere berdin egiten genuen. Oraindik orain esana dut, kartzelan ikasi nuela euskaraz, irakasle onenarekin, Andoni Umandirekin, alegia. Kartzelatik irtenda, Andonik San Antonio kaleko etxean erakusten segitu zuen, eta hara hasi ginen zenbaitzuk. Martin Kortazar, Manolo Andoin eta besteren batzuk. Ni, tartean. Euskaraz ikasten, ezkutuan, Umandiren etxean. Bai. Behin baino gehiagotan atxilotu gintuzten, bilerak egiten genituela egotzita. Guk, ikasten ari ginela esaten genien, baina alferrik. Andoni Perez Cuadradok esana duenez, kartzelan zinen 1951n ere, eta kartzelara baino lehen ere buruan omen zenerabilen misioetarako asmoa. Ekuadorrera joan zinen 1955ean. Bai, etxeko egoera pixka bat zuzendu eta joan nintzen. 30 urte baino gehiago nituen, eta etxean nire misio asmoa kontatu nuenean amak lasai joateko esan zidan, eta arrebek ere berdin, beraiek zainduko zutela ama. Eta joan nintzen, misioetara, baina ez apaiz. Hara joandakoen artean batzuk apaiz ziren, eta beste batzuk sekularrak. Ni hauetakoa nintzen. Neska eta mutil ginen sekularrak. Gu Ekintza katolikokoak ginen, eta giro hartan misioak oso gauza bizia ziren. Aita santuak ere misioak bultzatzen zituen. Orain ez da ulertzen, baina orduan, eta Ekintza katolikoaren barruan egonda, kasik gauza naturala ere izan zela esango nuke. Talde handi bat osatu genuen Ekuadorren. Oso jende ona aurkitu genuen tropikoan. Ekuadorko jendeaz ari zara? Bai. Nekazariak. Soro lanean beti, jende behartsua oso. Ez genuen hiririk zapaldu, beti ginen soro eta landetan. Joan orduko, etxeak eta elizak egiten hasi ginen. Ni ebanista nintzenez, banuen egitekorik franko. Katekesia ere erakutsi izan nuen. Hala ere, zure egonaldia Ekuadorren arteak markatzen du. Hainbat marrazki, mosaiko eta beirate utzi zenuen bertan. Denetatik egin nuen. Kartzelan ikasi nuen marrazkia, eta posta bidezko ikastaroa ere egin nuen gero. Ekuadorren ere nire lagunak laster konturatu ziren nire zaletasunaz, eta artelanak egiten jarri ninduten erabat. Jose Maria Zunzunegi zestoarrak bultzatuta, esango nuke. Gero, Ambato herrian nengoela, Chimborazo pean, seminarioko gazteei erakusten, Jose Luis Iriondo frantziskotarrak mosaikoak egiten erakutsi zidan. Oso artista handia zen Iriondo. Hasi nintzen, eta laster ez nuen besterik egin artelana baino. Ebanjelizazioa edertzea omen zen nire egitekoa Ekuadorko misioetan, eta nire tailerrean pasatzen nituen orduak, Kristo indigenak, amabirjina amerindiarrak, Asisko Frantzisko, eta natura, argia eta kolorea. Horretan eman nuen denbora. Jose Luis Iriondok erakutsita? Baina ez Iriondok bakarrik. Tartean-tartean Ekuadortik Euskal Herrira etortzen nintzenean, bata eta bestea ikusteko baliatzen nuen denbora, ikusteko eta ikasteko. Erroma, Florentzia, Venezia, Paris, Mexiko, New York, Bartzelona, Madril… leku askotan izan nintzen. Etorri nintzen batean, arkitekto batekin hizketan –San Roman abadea zen–, Madrilgo tailer batekin harremanetan jarriko ninduela esan zidan. Eta halaxe joan nintzen Madrilgo Atienzaren tailerrera. Real Madrileko futbolariak ziren bi anaia. Han ere ikasi nuen. 30 urte baino gehiago egin zenituen Ekuadorko misioetan. Eta gero etorri egin nintzen. Joseba Lejarza lekeitiarrak, Ekuadorren urte asko egindakoak, Urkiolara etortzeko gonbita egin zidan 1976an edo. Urkiolan pozik ni. Han ere ni neure lanean, beirateak eta egiten, eta bizi, berriz, euskaraz, baina nahiko lanarekin, han bizkaieraz egiten baitzuten. Ekuadorren ere hitz egiten nuen nik euskaraz, bateko bizkaitar eta besteko giputzarekin. Urkiolara etorri, eta pozik ni. Eta eguraldia bera ere, gozo. Eguraldia ere lagun Urkiolan? Bai. Nire garaian, Urkiola beti itxita egoten zen, elurra lepo. Etorri nintzenean, hotzik ere ez genuen izan Urkiolan. Nik, berriz, lehengo hotza nuen gogoan. Baina pentsatu ere ez halakorik. 20ren bat urte egin nituen Urkiolan, eta orain dela urte batzuk, azkena, Gasteiza itzuli nintzen, jaio nintzen herrira. Apaizetxean bizi naiz, apaiz ez banaiz ere. Apaiz ez den bakarra naiz etxe honetan.
news
argia-a892a9a6e754
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/presevo-europaren-ateko-ilaratik.html
Presevo Europaren ateko ilaratik
Andoni Lubaki
2016-01-31 00:00:00
Presevo Europaren ateko ilaratik Irakeko 2003ko inbasioak desegonkortasun sozial, politiko eta erlijiosoak sortu zituen Ekialde Hurbilean. Gaizki izendatutako arabiar udaberriek lehendik piztuta zeuden suei betagarri eman diote eta eskala biblikoan bakarrik neurtu daitekeen exodoa sortu dute Europarantz. "Barku bat hondoratzean lehenbizi ihes egiten dutenak arratoiak izaten dira. Gu hondoratzen ari den barku handienaren arratoi horiek gara. Hondoratutako barkuetara ez dira sekula arratoiak itzultzen. Ur azpian dagoena betiko han geratzen da-eta" dio Abdallah Samir 34 urteko mediku siriarrak. Raqqatik ihesi dator bere familiarekin batera eta dotore jantzita Presevoko (Serbia) kaleetan Kroaziara eramango duen taxi baten bila dabil. Bere hitzetan, "Dirua dugu, baita pasaporteak ere. Greziara Turkiako mafiak eta poliziak bultzatuta iritsi ginen. Ez ziguten Turkian gelditzen utzi. Raqqatik irten eta muga zeharkatzean furgoneta batean sartu eta zuzenean Lesboserako barkuan sartuko ginen tokian utzi gintuzten. 1.500 euro ordaindu genituen behartuta". Gaineratu duenez, "polizia turkiarra eta mafiakoak elkar laguntzen ari ziren, zigarroak ematen zizkieten batak besteari". Emaztearekin eta bi haur txikirekin Norvegia edo Suediara iritsi nahi duela aitortu du. "Alemanian nire herriko jende gehiegi pilatuko dela uste dut. Ez naiz jada nire bizilagunez fio. Arazoak sortuko dituzte eta horrek ezer egin ez dugunon aurka arrazakeria sor dezake. Ez dut arabiarrak dauden tokira joan nahi!" gehitu du mediku gazteak. Gutxik pentsatzen dute halere Abdallah-k bezala. Gehienek Siriako eta Irakeko gatazketatik ihes egin dute. Bakarrik edo familiekin. "Ez genuen Turkiatik beste inora mugitzea pentsatzen, baina Suruc-eko (Turkia hegoaldeko herrixka) kanpamentuan telebista turkiarra ikusten genuen eta bertan Alemaniak behartsu eta kanpotarrentzat nolako laguntzak dituzten ikusita beste asko bezala bertara iristen saiatzea zilegi izango zela pentsatu genuen" adierazi du Asiaha Halil-ek, 47 urteko emakume kurdu-siriarrak. "Surucen mafia turkiarrek barkuan Lesbosera iristea 20 minutuko kontua zela esan ziguten eta poliziek inolako paperik ez zigutela eskatuko. Pertsonako 100 euroren truke Grezian egongo ginela zin egin ziguten" dio haserre Kobanen jaiotako Asiahak. "Ez zen horrela izan eta gure maleta asko kendu ondoren familiako 2.000 euro eskatu zizkiguten. Azkenean 1.200 euro ordaindu behar izan genizkion bitartekaritza lanak egin zituen polizia bati". Atzetik senarra etorri zaio, kristaua da bera eta Ismael du izena. Gurutzea darama lepoko: "Nik egin behar izan nituen kapitain lanak inongo esperientziarik izan gabe. Bi minuturo motorra itzaltzen zen eta itsasoak noraezean eramaten gintuen. Motorra pizten genuenean beste bi minutu genituen berriro itzali arte. Eguraldia zakartzen zihoan eta bost orduren ondoren barku greziar batek erreskatatu gintuen. Harrezkero ganaduak bezala garamatzate alde batetik bestera dirurik ez dugunok. Dohain da bai, baina egoten garen moduan ikusita erraz ulertuko du jendeak zergatik diogun ganaduak bezala tratatzen gaituztela" esan du Ismaelek. Herrien arteko ikusezina Presevon gehiengoa musulmana da eta jatorri albaniarra dute, ez serbiarra. Mazedonia eta Kosovorekin muga egiten duen 12.000 biztanleko herri nekazaria da. Halere berezitasun handi bat du eta Serbiako poliziak ere ondo asko daki hori. "Hemen agintzen duena mafia da, mafia albaniar-kosovarra" dio Mikhailek, Belgradetik ekarri duten polizia gazteak. Berak ere dirua biltzen duenean beste norabait joan nahi du bizitzera, oraindik nora ez badaki ere. "Ezinean gabiltza errefuxiatu olde honi aurre egin nahian. Atzo 4.000 eta 5.000 pertsona artean pilatu ziren kale honetan eta bultzaka hasi zirenean aurrean dagoen hesi hori erori eta hiru pertsona hil ziren. Mafien errua da hori. Mazedoniako mugan zain izaten dituzte autoarekin eta paper faltsu batzuk ematen dizkiete pertsonako 50 euroren truke. Ilararen atzean daudenean uste dute aurrerantz joan daitezkeela paper horiekin. Baina ez da horrela. Ia denek izaten dituzte paper faltsu berdinak eta orduan liskarrak sortzen dira jatorri desberdinetako pertsonen artean. Guk hemen ezin dugu ezer egin, giroa nahasten denean baretzea ez bada. Gainera Mazedoniak ez digunez ofizialki zenbat datozen esaten ere ezin dugu beste ezer jakin" gehitu du Mikhailek ilarara begiratuta eta hasperen egin ostean. Adierazpen horrek agerian uzten du Balkanetako herrien arteko ezinikusia. Kroaziako Gobernuak Ranko Ostojic barne ministroaren bidez adierazi zuenez, Serbiak ere ez dio esaten zenbat errefuxiatu datozen eta ondorioz deskoordinazio handia sortzen da muga inguruetan. Espainiako Estatuko Remar Gobernuz Kanpoko Erakundeko Juan Carlos mafiak mugitzen diren toki horretan lan egindakoa da: "Mazedoniatik sartzen diren errefuxiatuak mafiako buruzagi baten lursailetik sartzen dira. Ez dakigu nork erabaki zuen horrela egitea baina trenez Presevo erdiraino iritsi zitezkeen. Aldiz, 10 kilometrora gelditzen dira lursail pribatu baten ondoan. Bertan mafiako buruzagi horren langileek errefuxiatuak engainatzen dituzte, eta gero datorrena dator. Mafiaren aurka joan ezean ez dago ezer egiterik" dio atsekabetuta Juan Carlos madrildarrak. Presevo inguruan mafia albaniar-kosovarrak indar gehiago du gobernuak baino. Herritik Mazedoniara doan bidexka bat hartzen duen orok ikusiko ditu luxuzko etxe erraldoiak. Getxoko Neguri auzoaren parekoa dela esan daiteke, diferentzia bakarrarekin: etxe denak hutsik daude. Izenik esan nahi ez duen artzain batek dioenez, "Kanpotik ekarritako diruarekin etxe hauek egiten dituzte poltsikoko dirua garbitzeko. Kotxe garestiak ere erosten dituzte, baina gero Alemania eta Frantziaren moduko tokietan bizi dira. Hona bertako lanak bukatu edo kartzelatik askatzen dituztenean etortzen dira".  "Presevo ondoren ez dakigu nora eramango gaituzten baina hemen baino hobe egotea espero dugu" dio Mohamed siriarrak. Homs-etik datorren gizon honek errefuxiatuak nazioaren eta sexuaren arabera banandu beharko lituzkeela dio, "arazoak egon ez daitezen hobeto elkar ez ikustea ere". Iraniarrak, afganiarrak, siriarrak, irakiarrak eta abar lerro berean izateak liskarrak sortzen ditu. Batak besteari bere egoeraren errua leporatzen dio eta bide kontinentaleko toki askotan borrokak eta atxiloketak egon dira. "Arrazakeria handia dago euren artean ere. Siriarrek nahiko zintzo jokatzen dute baina afganiarrekin beti arazoak ditugu. Ez dute lerroan mantendu nahi, ezer esanez gero biolentzia erabiltzen dute zure aurka" dio Israel Remarreko gazte boluntarioak. Mikhail polizia serbiarrak aldiz, kontrakoa esaten du: "Siriarrak eta irakiarrak dira arazo gehien ematen dutenak. Beste errefuxiatuak baino gehiago direla uste dute eta horrela esaten dizute: ni sunita naiz eta besteak xiitak, nik egon beharko nuke aurrena". Presevo bide kontinentalean sortzen diren arazo gehienen adibide bihurtu da: arazo sektarioak, mafiak, gainezka eginda dauden instituzioak, eta abar. Herriaren gehiengoa musulmana izanik ez dago bertako laguntzaile boluntariorik, "denak hemendik kanpokoak dira, oraindik ez dugu bertako autoritateekin hitz egiterik lortu, ezta hemengo biztanlerik lanean ikusi" dio Mugarik Gabeko Medikuak GKEko koordinatzaile den Sebastien Army frantsesak. "Egoera ez da ona, eta eskerrak ez duen eguraldi txarrik egiten. Negua gogorra izan ohi da hemen eta ez dakit zer gertatuko den iristen denean" gehitu du.
news
argia-76301ee8aeaa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/mitokeriatan.html
Mitokeriatan
Jakoba Errekondo
2016-01-31 00:00:00
Mitokeriatan Arrasaten, Arrasate Pasealekuan plaza koxkor berri batean zuhaitz bat jarri nahi eta jendeari galdetu diote ea zer nahiago duten: haritz kanduduna ( Quercus robur ), pago gorria ( Fagus sylvatica "Purpurea"), ezkia ( Tilia sp. ) edo astigar zuria ( Acer pseudoplatanus ). Pagoak bereganatu du parte hartu dutenen gogoa. Honez gero aldatuko zuten. Hautaketarako zuhaitz aukera prestatu zuenak jakingo du lau horiek proposatzearen zergatia. Zuhaitz horrek zer etorkizun izango duen jakinaren gainean egingo al zuten! Ez al dira hemendik urte gutxira handik eta hemendik moztu, mugarrotu edo inausten hasiko! Bertan lasai hazi eta bizitzeko modua izango ote du arrasatearren zuhaitzak.  Zuhaitzek elorrio dute, jeneralean, gure hiriguneetan. Beldurra diogu zuhaitzari; ezin dugu ikusi hazten, luzatzen eta zabaltzen. Gure txikitasuna agerian jartzen duelako, agian? Azpian hartu behar dugu, moztu, txikitu... Eta beldurtasunetik eraikitako mito ugari dugu. Mitokeriak hagintzen du gure zuhaitzak ikusteko eran. Mitoek garbi adierazten dute nolako tratu zatarra eta gehienetan hiltzailea ematen diegun gure zuhaitzei. Zuhaitz aldaketa sasoian gaudenez hona oinarrizko batzuk. "Landarea sakon sartu behar da zuloan". Edozein landare aldatzen dugunean, lehen bizi zen maila berean jarri behar da. Lepoan ederki igarriko zaio lurraren arrastoa. Maila berean sartuta aldatu.  "Zuhaitza estu lotu behar zaio hesolari". Aldatu berria den zuhaitza ondo itsastea da garrantzitsuena. Horretarako mugimendua ez da txarra. Estuegi lotutako zuhaitza sekula ez da bizimodu naturalera jarriko. Beti helduleku horrekin bizitzera jarriko da. Hobe da hesolari lotu, baina lasai, haizea sentitu eta balantzara ohitu dadila. Errazago itsatsi eta etorriko da.  "Aldatu aurretik adar batzuk inausi behar dira". Tokiz aldatzean sustrai batzuk galduko dituelakoan, antzeko proportzioan adar batzuk kentzea ere egokia zela uste izan da. Adarrek, ordea, erreserbak dituzte eta hobe da landarea bere horretan aldatzea. Adarren bat ihartzen bada haren erreserbak mugitu eta gero ihartuko da. Orduan moztu. Aurrez moztuz gero landareak jakiak galduko ditu.
news
argia-922d7b4165bc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/bechdel-testa-benaz-hartu-beharreko-txistea.html
Bechdel testa: benaz hartu beharreko txistea
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-01-31 00:00:00
Bechdel testa: benaz hartu beharreko txistea Alison Bechdel komikigile estatubatuarrak 1985ean argitaratu zituen bere izena daraman testaren arauak, Dykes to Watch Out komiki-tiran. Pertsonaietako batek besteari esaten dio film bat ikusteko hiru baldintza bete behar dituela: gutxienez bi emakumek agertu behar dute; biek elkarrekin hitz egin behar dute; eta gizonak  ez beste edozein gaiz hitz egin behar dute.  Eskakizunak bete zituen azken filma Alien (1979) dela gaineratzen du. Egileak dio egokiagoa dela testari Bechdel-Wallace esatea, ideia Liz Wallace lagunak eman ziolako, eta hari Virgina Woolfen A room of one's own irakurrita bururatu zitzaiola. "Berripaper feminista alternatibo batean argitaratutako lesbianen txiste bat besterik ez zen", Bechdelen hitzetan. Azken urteetan, besteak beste, Suediako Film Institutua eta Eurimages funtsa testa irizpidetzat erabiltzen hasi dira proiektuak balioesteko.
news
argia-31dab0b214be
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/euskal-kortsarioen-uhartea.html
Euskal kortsarioen uhartea
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-01-31 00:00:00
Euskal kortsarioen uhartea Pilier uhartea (Frantzia), 1172. Buzayko abadiako monjeek beste abadia bat eraikitzea erabaki zuten Loira ibaiaren estuarioko lau hektareako lur zatitxoan. Irla txiki eta bakartuak zistertarrek bilatzen zituzten soiltasuna eta austeritatea eskaintzen zituen. Baina nonbait, Pilierrek zorrotzegi betetzen zituen printzipio horiek, baita zistertarrentzat ere, eta 33 urte geroago Nourmoutier izeneko beste uharte batera aldatzea erabaki zuten, handiagoa eta abegitsuagoa baitzen hura. Horrenbestez irla hutsik geratu zen, hainbat mende geroago euskal kortsarioak iritsi ziren arte. Pilier uharteko kortsarioen berri zaharrenek 1545eko data dute, eta 1693. urtean egotzi zituzten betiko. Beraz, hainbat kortsario belaunaldik hartu zuen babesa bertan, eta gehienak gipuzkoarrak ziren. Gotorlekua eta talaia eraiki zituzten eta, handik, Loira ibaitik itsaso zabalera irten nahi zuten ontziak behatzen zituzten. Frantziako koroak hainbat espedizio bidali zituen uhartea garbitzeko asmoz, baina kortsarioen gotorlekua menderaezina izan zen mende eta erdian. Zingo edo kalatu txikiko ontziak nahiago zituzten, hondarpez jositako Frantziako kostalde atlantikoan erabilgarriagoak zirelako. Gehienez ere 80-100 bat kidek osatzen zuten eskifaia eta 8-10 kanoi izaten zituzten. Maiz arraunontziak erabiltzen zituzten, hondartzetan lehorreratzeko eta ibaietan gora joateko aukera ematen zielako. Gainera, ontzi txikiagoak merkeagoak ziren. Ez zuten uretan denbora asko igarotzen, janaria, bolbora eta gainerako horniduretan aurrezteko. Eta normalean bakarka nabigatzen zuten, edo gehienez ere binaka. Horrela, harrapakina lortuz gero, inbertsioa azkarrago berreskuratzen zuten eta gutxiagoren artean banatu behar zuten. Émile Gabori (1872-1954) historialari frantziarrak honela deskribatu zuen Pilierko euskal kortsarioen jarduera-eremua: "Bretainiako kostaldean, Poitoun jardun ohi zuten. Loiran gora askotan joan ziren, eta bidean aurkitzen zuten orori erasotzen zioten. Egunero lortzen zuten harrapakinen bat. Morhibaneko sarrerari eta Brestekoari erasotzen zieten, eta Noirmoutier suntsitu zuten. Pilierren ezkutatzen ziren, Nourmoutierretik gertu, eta behatokia eraiki zuten bertan. (...) XVII. mendearen amaiera arte ez zen lortu haiek egoztea".
news
argia-7103188411d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/bi-agure-edo-hiru.html
Bi agure edo hiru
Angel Erro
2016-01-31 00:00:00
Bi agure edo hiru Bi gizon zaharren hitzek arreta eman didate oso denbora gutxian eta nahi gabe ere lotu ditut nire gogoan. Bata Facebooken norbaitek zabaldu du eta nik, ikusitakoan, gauza bera egin dut. Bost "datsegit" jaso ditu, baina beste inork ez du atzera zabaldu. Bideoari eman dioten izena: "Arthur C. Clarkek Internet deskribatzen du 1974an". Clarkek janzki eta gorbata eramaten ditu eta berriro ere, XXI. mendearen bigarren hamarraldian, modan dauden betaurrekoak. Kazetariak XXI. mendearen nolakoaz galdetzen dio zientzialari eta zientzia fikziozko idazleari. Horretarako bere semea eraman du: "Jonathan nire semeak 2001. urtean nik orain dudan adina izanen du". Arthur C. Clarkek Jonathan hartzen du adibidetzat, 27 urte geroagoko ordenagailu edo, oro har, makinekiko harremanaz aritzeko.  Esan gabe doa ikaragarri asmatzen duela oraingo bizimodua deskribatzen. Ez du esaten Jonathanek giza harremanak nola, zeinen ezberdin, ulertuko eta biziko dituen. Bere hitzetan ez dago azaltzen duen teknologiak eragindako itzalik, ez dago ezkortasun aztarna handirik (hori eleberrietarako uzten du). Pentsa genezake garaiari dagokiola baikortasun teknofiloa edo pentsa dezakegu bere buruari aplikatzen diola berak asmatutako hiru legeetako, Clarke legeetako, lehena: "Zientzialari gailen baina zahar batek zerbait posiblea dela adierazten duenean, ia segurua da arrazoia izatea. Zerbait ezinezkoa dela adierazten duenean, oso litekeena da oker egotea". Lege honetan beti bitxia suertatu zait "baina zahar" zehaztapen hori. Oraindik (adinagatik edo) ez naiz gai ulertzeko zer ñabardura dakarkion baieztapenari gehikuntza horrek.   Bigarren agurea Arthur C. Clarke baino zortzi urte gazteagoa da, baina ez zaigu 1974tik mintzo, gaur egunetik baizik, beraz, askoz zaharrago ari zaigu Interneteko sare sozialek ekarri gizarte berriaz, askoz zaharrago eta, agian norbaitek hortik ondorioztatuko lukeenez, askoz ezkorrago ere. Sare sozialak –diosku– tranpa dira; ez dute gizartea ezaugarritzen duen ezberdinarekiko benetako elkarrizketarik, ez dute gaitasun sozialetan trebatzen, ez dago egiazko konfrontaziorik –di-da ezaba ditzakezu bestela pentsatzen dutenak–, sare sozialek jendetasunaren itxurapean nork bere buruarengan zerratuagotzen dute. Dena den, Zygmunt Baumanen ezkortasuna ez diot zahartasunari, zaharrek berriari ohi dioten izuari, egozten. Akaso sare sozialekiko mesfidantzan bizi baikara denok, baita sare sozialetan murgilduta bizi garenok ere, atzoko pentsaeradunok biharko tresna bagenu bezala eskuen artean, eta horrek baikorrena ere durduza batean edukiko balu bezala. Ez-moduan bizi gara, gureak ez diren (Jonathanen seme-alabenak badiren) bitartekoak darabiltzagula, zahar-goiztiarturik. Tresnek oraindik ez gaituzte guztiz egin beren moldera. Honakoa ez da apokaliptikoa; inprentak edo burdinolek ere aldatu gintuzten, teknofoboek salatu ez arren. Ez moduan bizi garelako aztarna da sare sozialetan gehienetan jokaera arauturik gabe ibiltzea, gizalegea zein den asmatu ezinik. Nola kudeatu –benetako kasuak dira– izeba mojak sare sozial batean "adiskidetasuna" eskatu izana; nola, bizitza errealeko adiskide batek birtualki zure berri jakin nahi ez izatea, bizimodu bikoitzeko gay aldea ongi ezkutatzen asmatzen ez dakien gertuko ezagun armairutuarena.
news
argia-67180601a791
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/irakurleak-galdezka.html
Noiz aldatu behar dira haritzak, pagoak eta urkiak?
Jakoba Errekondo
2016-01-31 00:00:00
Noiz aldatu behar dira haritzak, pagoak eta urkiak? Kaixo Jakoba. Zein litzateke garairik onena haritz gazte bat eta pago gazte bat transplantatzeko? Biak bost bat urtekoak dira. Bestalde, bi urte inguruko urki bat daukagu balkoian, eta mendian dugun sail batera eraman nahi dugu, noiz komeni da egitea? Eskerrik asko! Ekaitz Martinez (Ordizia). Kaixo Ekaitz. Hiru zuhaitzak neguan soiltzen dira, hostajea galdu egiten dute. Nahiz haritza ( Quercus robur ), nahiz pagoa ( Fagus sylvatica ), nahiz urkia ( Betula pubescens ) aldatzeko sasoia bera da: negu-neguko ilbehera, aurten urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Neguko geldialdia baliatzen da landaketa lanak egiteko. Ahal duzun azkarren egin, beti ere izotza izateko beldurrik ez den egunetan. Hotz handia bada, landaketa egindakoan sustraien gaineko lurra ondo zanpatu eta simaur berri mordoxka bat jarri gainean, lurreko zirrikituetatik hotza sar ez dadin. Ahaztu gabe: landatutakoan zuhaitzaren lepoan lehen zuen maila berean jarri lurra.  Zuhaitzentzat betiko bizitokia aukeratzerakoan kontuan izan: ur gehiena urkiak behar du, pagoak ere ura eskertuko du; haritza, aldiz, lur lehorxeagoan ere moldatuko da.
news
argia-912136fbd96b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/euskal-gatazkaren-konponbidea.html
Emakumeentzako bakea noizko?
Danele Sarriugarte Mochales
2016-01-31 00:00:00
Emakumeentzako bakea noizko? 90 lagun inguru Iruñeko Katakraken, Emagin elkarteak antolatutako Hau ez da gure bakea eskola feministan. Helburua: Euskal Herriko gatazka politiko-armatuaren irakurketa feminista egitea. Galderetako bat: Bake prozesua burura eramanda, emakumeok hilko, bortxatuko, mespretxatuko ote gaituzte oraindik ere, euskal gizarte normalizatuan? Kezka iturri izan da gaia beti Euskal Herriko mugimendu feministaren puska handi batentzat, eta ezin uka, bolo-bolo dabil azkenaldian. Mugarritzat jo daiteke 2015ean UEUk antolatutako udako ikastaro bat. Oihana Etxebarrieta, Zuriñe Rodriguez eta Arantza Santesteban ikerlari feministek antolatu zuten, Euskal Herriko gatazkaren irakurketa etorkizuneko bake feministaren bidean izenburupean, Iruñean orduko hartan ere. Aurrez eta hainbat urtez, mugimendu feministak funtsezko lana egin du puntu honetara iristerako, eta orain, testuingurua ezin liteke aproposagoa. ETAk su-etena iragarri zuenetik bost urte igaro direla, bake prozesua tirriki-tarraka bada ere, abian dela, hainbat kontu birpentsatzeko eta berreztabaidatzeko sasoi ezin hobea da.  Feminista askori burura datorkio zalantza: Zertaz ari gara bakeaz ari garenean? Eta biolentziaz ari garenean? Zer ekarriko du normalizazioak? Bestela esateko: Bake prozesua burura eramanda, emakumeok hilko, bortxatuko, mespretxatuko ote gaituzte oraindik ere, euskal gizarte normalizatuan? Gobernatu ezean, bakerik ez Jule Goikoetxea ikerlariaren arabera, patriarkalki pentsatu dira hala bakea nola biolentzia, baita ere gizarte normalizatua zer den. Esparru publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa gakoa da ulerkera horretan. Publikoan kokatzen dira berdinak, subjektuak, gizonak. Pribatuan, ordea, publikotik sistematikoki kanporatuta, kokatzen dira emakumeak, mendekoak, subjektuen zaintzaile (subjektuek jaten dutenaren sukaldari, janzten dituzten alkandoren garbitzaile). Esparru publikoa da politikaren espazioa, eta hortaz, bertan gertatzen direnak baino ez dira hartuko gatazka politikotzat, denon arduratzat.  Gogoan hartzeko moduko esaldi batean biltzeagatik: "Gure gizarte patriarkal normalizatuan gatazka dago baldin eta gizonek elkar akabatzen badute, eta bakea ezartzen da, aldiz, baldin eta gizonek akordioa sinatzen badute". Hau da, Euskal Herrian azken hamar urteotan hamaika emakume erail dituzte emakume izateagatik, baina euskal gatazka aipatzen denean, normalean, ez gara horretaz ari.  Eta orduan zer? Azpimarratzekoa da, berriz ere, sasoia giltzarria dela. Hala deritzo Goikoetxeak. Aukera ikusten du bakearen kontzepzio patriarkalari aurka egin eta gatazka feminismotik ulertzen hasteko, gatazka baino gatazkak daudela barneratzen hasteko.  Esparru pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketari helduta, funtsezkoa iruditzen zaio emakumeek gobernua hartzea, orain arte ez bezala. Gobernatze hori oso modu deszentralizatuan da egitekoa. Azken batean, emakumeok ez gara gutxiengo bat, baizik eta jendearen erdia. Eta hainbat tokitan, hainbat alorretan, lanean ari gara. Bakoitza bere espaziotik eragiten hastea da gakoa, eta eragin hori maila makroan ulertzea.  Eusko gudariak gara...  Zuriñe Rodriguez ikerlariaren txanda, eta horrekin batera, zoom-a zorroztu eta zehazki Euskal Herriko egoerari begiratzekoa, Goikoetxearen analisi orokorragoari tiraka.  Galderen bidez ekin zion hausnarketari     Rodriguezek: Euskal gizartean biolentzia hegemonikoak eta subalternoak al daude (lehen eta bigarren mailakoak)? Zer iruditegi osatu dute? Euskal gatazka deitzen dugun horrek emakumeen rol tradizionalak indartu al ditu? Gatazka horrek, irauteko, gizarte-erregimen heterosexuala behar zuen? Nork zaindu du nor euskal gatazkan?  Esparru publiko eta pribatuaren arteko bereizketa nabarmenaren argitan irakur daiteke euskal gatazkako genero rolen gizarteratzea ere. Esparru publikoan, gizonak, gudariak lanaldi osoan. Horiek horrela aritu ahal izateko, emakumeak zaintzaile esparru pribatuan.  Hainbat dispositibo biolentoren bidez eutsi zaio oreka horri. Batetik, amatasunaren bidez, hori ulertuta baldintzarik gabeko zaintza gisa. Zaintza aitortu da, amaren rola goretsiz, baina ez da politikotzat jo, alegia, ez da militantziatzat hartu (amak ez dira izan esparru publikoko subjektu).  Emakume zaintzaile pribatuaren rola bete ez eta esparru publikoan jardun duten emakumeak ere egon dira. Horiek ere dispositibo biolentoak jasan dituzte, hala kanpotik nola barrutik. Kanpotik (espainiar komunikabideetatik, adibidez), emakume gudarien estereotipo negatiboak elikatu dira: zatarrak, frigidoak eta lesbianak direla, CUPekoez berriki esan direnen ildotik.  Bestelakoak dira barrutik ezarritako kortseak. Emakume gudariak erotizatu dira, ustez haien borroka laudatuz, baina ez zaie benetan heldu emakume gudarien arazoei, beren egoeraren gordinari. Zentzu horretan, Rodriguezek intuizioa du ez ote den hori bera gertatzen ari emakume kurduen irudiarekin.  Erotizazio biolento horren bidez adierazten da andre gudariak ezohikoak direla, gainerako andre arrunt eta zaintzaileak ez bezalakoak. Azken batean, dispositibo horien guztien bidez, mezu argia helarazten zaie emakumeei: esparru publikoan aritu nahi izatekotan, garesti ordainduko dute.  Tokian toki, matxinada feministak Hitz-hartzeei ez ezik, ariketa kolektiboei ere eskaini zitzaien tarterik Hau ez da gure bakea eskola feministan. Goizeko saioen ostean, taldetan banatu ziren parte-hartzaileak, gatazka politiko-armatuarekin lotura izan duten eragileen jarduna xehe-xehe egiteko, eta betiere, bizipen eta sentimenduetatik abiatuta, aztertzeko ea horiek zer hutsune izan dituzten, gatazka eta feminismoa uztartzerakoan.  Mugimendu sozial eta politikoen ekarpenei erreparatu zieten talde gehienek, eta dudarik ez, lanketa handiena mugimendu feministak egin duela ondorioztatu zuten. Are gehiago, bertaratuen iritziz, beste esparruetan egin diren pausoak mugimendu feministaren presioaren ondorio izan dira.  Arratsaldeko saioan, iraganera barik etorkizunera begira jarri ziren ia ehun emakume feministak. Taula handi batean idatzi zituzten, batetik, aurrera begirako aukerak eta beharrak, eta bestetik, oztopoak. Baikor aritu ziren, Bilgune Feministak Twitter bidez jakinarazi bezala, aukera eta behar gehiago identifikatu baitzituzten, oztopoak baino.  Argi daukate: mugimendu feministak Euskal Herriko gatazka politiko-armatua birdefinitzeko urte luzez egin duen lanari tiraka eta azkenaldian sortutako korronteen abaroan, feminismoaren ekarpenak gatazkari buruzko narrazioan txertatzea dute erronka, errelatoan eta prozesu politikoan eragitea. Bidea: tokian toki, emakumeok daukagun boterea gauzatzea.
news
argia-23bac2a7d176
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/irakurleak-liburuaz-mintzo.html
I�aki Azkune: "Guretzat oso baliagarria zen 'horzbikoa'"
unknown
2016-01-31 00:00:00
I�aki Azkune: "Guretzat oso baliagarria zen 'horzbikoa'" Bizi Baratzea liburua irakurtzean, gaztaroko oroitzapenak berehala etorri zaizkit, orduan etxeko baratzea lantzen jarduten genuelako. Larre motzean hazten ari ginen gehienok, eta baratzeko emaitza funtsezkoa zen elikatzeko, nahiz eta barazkiek baino indartsuagotzat beste janari batzuk jo, okela, adibidez.  Begira, bestela, zer dioen garai hartan erromeriatan kantatu ohi genuen trikiti-kopla honek: Goizean porru-salda, eguerdian azak, ondo sartuko zaizkik ipurdian galtzak. Liburuan argi eta garbi zehazten da urtaroen eta ilargiaren konpasean landare-mota bakoitzarentzat lurra nola landu, nola ureztatu, nola ongarritu, hazia noiz eta nola erein, gaitzei aurre nola egin, etab. Oso bitxia eta interesgarria iruditu zait 12. orrialdean liburuan baratzean erabiltzen diren esku-erreminta mota bakoitzarekin (aitzurrarekin lan eginez, adibidez) gorputzeko zein gihar lantzen diren jakitea. Hor aipatzen diren erremintez gain, guretzat oso baliagarria zen "bihortza" izeneko aitzurra (patata ateratzeko, adibidez). Guk beti, nahiz eta Gipuzkoako bihotzekoak izan, "horzbikoa" esaten diogu, bizkaieraren joskerari jarraituz, pezeta indarrean zegoenean 50 zentimoko txanponari "errealbikoa" esaten genion bezalaxe. (Getarian, adibidez, txalupan "arraunbian" ibili ere esaten dute). Dena dela, oso garrantzitsuak dira, besteak beste, Amerika edo Indietako indigenen Patxamamak (edo gure Amalurrek) sortu eta gure lurretara XV. mendearen amaieraz gero iritsi diren landareak. Zehatz-mehatz ematen da liburuan horien berri. Ikus bestela barazki hauen fitxak: artoa, babarruna, piperra, tomatea, patata, kuia ... Baratzea lantzean pertsonaren eta lurraren arteko harremana gozamena izaten da maiz. Hasieran bere nekea badu ere, geroko emaitza, uzta biltzea eta ondo prestaturik barazkiak jatea oso atsegina izaten da. Gure Lizardi olerkari handiak barru-barruan nabaritu zuen hori: Oi, ene lur, baninduzu zerea, zu landu, ta zure sariz asea ... Zorionak, Jakoba.
news
argia-3cd0d94c6f67
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/liburua.html
Arbola maitea
Xabier Etxaniz Erle
2016-01-31 00:00:00
Arbola maitea 1964an argitaratu zen lehen aldiz liburu hau; eta orain, 50 urte pasa ondoren, euskaraz irakurtzeko aukera daukagu.  Garrantzitsua da hasierako datu hori, gaur egungo honelako liburuetan kolorea, irudi handiak eta begiak liluratzeko, bista zentzumena liluratzeko hainbat teknika erabiltzen baitira. Shel Silversteinen lan honek, aldiz, ez du kolorerik, zuri-beltzean egina da eta marrazki eta trazu sinpleen bidez adierazten zaigu irudia. Arbola baten eta mutiko baten arteko maitasun istorioa da Arbola eskuzabala honetan ageri zaiguna: "Bazen behin arbola bat…mutiko bat maite zuena. Eta mutikoa egunero etortzen zen eta haren hostoak biltzen zituen haiekin koroak egin eta basoko errege bihurtzeko. Mutikoa haren enborrean gora igotzen zen eta haren adarretan kulunkatzen zen eta haren sagarrak jaten zituen". Liburuaren lehen orrietan ikus daitekeen bezala arbola eta mutikoa dira protagonistak, beren harremana da narratzaileak kontatzen diguna. Nola bizi diren pozik elkarrekin, nola jolasten duten batak bestearekin. Mutikoa, baina, heldu egingo da; utziko dio arbola bisitatzeari, harekin jolasteari, eta bakarrik gogoratuko da arbola hartaz haren beharra duenean. Arbolak orduan bere frutak emango dizkio. Ondoren adarrak emango dizkio etxe bat egiteko; aurrerago enborra izango da mutiko zahartuak hartuko duena nabigatzeko… harik eta arbola motzondo zahar bat besterik ez izan arte. Eta orduan ere, aitonari –mutiko hura gazte, gizon eta agure bilakatu baita denboraren poderioz–, orduan ere aitonari lagundu egingo dio arbola lagunak.  Hunkigarria da Silversteinen istorioa; Oscar Wilderen Printze zoriontsua ren pareko istorioa, eta kasu hartan bezala maitasuna izango da gertakari guztien oinarria. Elkarrizketa labur eta sinpleen bidez; esaldi motzak erabiliz, egileak –testuaren eta irudiaren arteko komunikazioari esker– istorioaren barrena eramaten gaitu arbolaren sakrifizio bakoitzarekin haren maitasuna miresten eta haren minagatik sufritzen. Gizakiak, aldiz, konturatu gabe dena hartzen du, laguna, arbola, arriskuan jarriz eta haren heriotza gerturatzen.  Gure gizarteko kontsumismoaren inguruko gogoeta izan daiteke istorio hau, duela 50 urte aurreikusten zen kontsumismoarena. Baina, batez ere maitasunaren eta adiskidetasunaren inguruko istorioa da Arbola eskuzabala ; Printze zoriontsuak bere urrezko azala eta, azkenik, begiak ere eman zituen pobreei laguntzeko. Arbolak dena ematen dio lagunari. Bai eta amaieran atseden hartzeko lekua ere. Biek, hasieran bezala, elkarrekin amai dezaten. "Ez dut gauza handirik behar orain –esan zuen mutilak–. Toki lasai bat baino ez, eseri eta atseden hartzeko. Oso nekatuta nago. 'Ondo'–esan zuen arbolak, ahalik tenteena jartzearekin batera–. Ondo, motzondo zahar hau egokia da eseri eta atseden hartzeko. Zatoz, Mutil, eseri eta atseden hartu –eta horixe egin zuen mutilak–".
news
argia-d60842f248bc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/erregearen-laranjak.html
Erregearen laranjak
Jose Inazio Basterretxea
2016-01-31 00:00:00
Erregearen laranjak Haserre dago Don Felipe, eta ez daki disimulatzen. Espainia periferikoak haserretu du bere gorentasuna. Errege-etxean eta hark ordezkatzen duen Estatu-administrazioan, onartezina da periferia izatea berniz folklorikotik harago doan entitate soziologiko bat. Eta hori da Espainiak bizi duen lurraldetasun-krisiaren gakoa. Laranjaren azalak –periferiak– eman ohi du fruituaren berri, arbolatik zuzenean hartuta edo dendan erostean; haren distirak, haren usainak, haren leunak edo lakarrak iradokitzen du muinaren nolakotasuna. Baina, hori baino gehiago ere bada geruza biltzaile hori. Azalaren faltan, deshidratatu egiten da laranja, galdu eta, azkenean, usteldu. Zentroan ez dute hain erraz onartzen periferia horrek muina mamitzen laguntzen duela, gunearen luze-zabalerak definitzeaz gain. Eta hori da arazoaren sustraia. Alegia, ezin onartua laranjak azalaren beharra eta hura zaintzearen premia. Espainia ofizialak ez du ikasi 1978ko Konstituzioak mugatzen duen Estatu Autonomikoaren periferiaren ekarpena: linguistikoa, kulturala, politikoa eta ekonomikoa. Periferiaren baztertze politiko eta administratibo sistematikoaren aurrean, mugitzen hasi dira azaleko hiritarrak. Eta hor agertu dira lehenbiziko arazo serioak. Erreakzionatu beharra dauka Don Feliperen Espainiak. Baldin eta Espainiak bere laranja-azalari benetan eutsi nahiko balio, pentsatu beharko luke premia argia duela plangintza batena, zeinaren bidez bestelako Espainia bat amesten duten herritarrak poztuko lituzkeen, orain arteko mespretxuak ahaztu ez eze, lurralde periferikoen balioak eta beharrak onartu eta euren lekuan jarrita. Gaur arte ez bezala orain bai elkar hartuta, azalekoek eurek ere pentsa lezakete bidera dezaketela Espainia bestelako bat, indar zentralizatzaile irmo eta ankilosatuei aurre egiteko. Egun arte, periferiatik hiriburura nork bere bidea egin du. Baina, Madrilen transformatzailea izatera hel liteke periferietako indar politiko antolatuago eta kohesionatuago bat. Espainiak bizi duen nortasun- eta erakundetze    -krisi sakonetik ateratzeko, badago hirugarren aterabide bat: periferia barik uztea erregearen laranja. Hots, nork bere marmelada egitea bere laranja-azalak landuta. Kasu horretan, nork bere potean sartuko ditu bere azal zatiak bere azukrearekin eta bere kanelarekin. Katalunia hasi da bide hori jorratzen. Biderik onena ote den, eta bakarra, geroak esango du. Espainia monolitikoak behea jo duela ematen du. Baina, ikusiko. Periferia guztiek ez dute barne-indar bera. Ezta zentroak ere une oro ber-bera.
news
argia-f60b66191c9e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/maurice-ravel-zoragarria.html
Maurice Ravel zoragarria
Montserrat Auzmendi del Solar
2016-01-31 00:00:00
Maurice Ravel zoragarria Ez dakit aldi honetako Maurice Ravelen interpretazioa onena izan den, baina beti da plazer bat Ziburuko maisuaren musika entzutea. Ravelen modernitatea bere garaiko estilotik haratago doa. Inpresionismoaren iturrietatik eraikitzen du bere teknika konpositiboa baina ez da inpresionisten eredua, edo eredu purua. Jazza, floklorea, klasizismoa, denetatik hartzen du zerbait, eta musika berezia egiten du, berea benetan. Orkestrazio distiratsua, imajinazioa, tinbrika berezia… hauexek eta gehiago dira Ravelen ezaugarriak.  Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ia monografiko bat eskaini zuen hilabete honetako abonu kontzertuan, eder-ederra, nahiz eta behar den ñabardura-aberastasuna ez agertu. Hasteko, Ravelen munduan buru-belarri sartu baino lehen, Gabriel Fauréren Pavane op. 50 jo zuten Euskadiko Orkestrakoek, dotore-dotore. Beste gauza bat izan zen hurrengo obra, Ziburukoaren Piano eta Orkestrarako sol maiorreko kontzertua . Lan famatu eta kanporakoi hau interpretatzeko Ingrid Fliter pianista argentinarra izan genuen bakarlari gisa. Musikari gogorra eta entrenatua da Fliter andrea. Oso gogorra. Dudarik ez, baduela taxua eta indarra jotzerakoan, baina sotiltasunik ez. Eta, sentitzen dugu, baina ezin da Ravel interpretatu nota guztiak joaz bakarrik. Haren mundua ulertu eta transmititu behar da eta, alde horretatik ez genuen ezer sumatu Fliter andrearengan. Perkutitu egiten ditu notak, etengabe. Teknika sendoaren erakustaldia egiten du (teknika errefinatuarena ez), baina hori ez da nahikoa musika honen estilo bereziaren bertsio partikular bat egiteko. Gauza bat da norberaren nortasunaren ukitua ematea musikari, eta beste bat dena berdin-berdin jotzea norberaren "jotzeko era" aitzakiatzat jarriz.  Ingrid Fliter piano joleak sari eta errekonozimendu ugari ditu, eta badaki ongi jotzen pianoa, baina beste errepertorio mota batean agian hobeto sentituko da, inpresionismoaren ñabarduren mundu estilistikoan ez da gauza. Propina gisa, orkestrarekin batera Joseph Haydnen obratxo bat eskaini zuen: Rondo hungariarra , aurrekoa bezain perkutitua. Haydn ere, ez da bere cup of tea . Franck Liszt bat edo, hobeto, Sergei Prokofiev bat eginez gustatuko litzaidake Fliter entzutea, ea horretan hobeto moldatzen den. Saioaren bigarren zatian, Daphnis et Chloé balleta eskaini zuen orkestrak. Lehen aldiz interpretaturiko lan eder hau ongi matizatua atera zen, nahiz eta Principal Antzokiko deabruko akustikak nolabait hondatu. Halere, oso ongi.
news
argia-4f24c9ac40fa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/errenteria-kolonia-errenteria.html
Errenteria-Kolonia-Errenteria
June Fern�ndez
2016-01-31 00:00:00
Errenteria-Kolonia-Errenteria 2009. Errenteria. Gizon gazte bat atxilotua izan zen emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Hedabideek erasotzailea Magrebekoa zela azpimarratu zuten; biktimaren jatorria ez zuten zehaztu. Egun batzuk pasa eta gero, SOS Arrazakeriak salatu zuen hiriko magrebtarrek mehatxuak eta jazarpenak bizi zituztela. Lokutorioetatik "alde hemendik!" oihuka ibili zen talde batek emakume etorkin bat eraso omen zuen.  2010. Diario Vasco : "Lau errumaniarrek 14 urteko kartzela zigorra jaso dute, Irunen gazte bat bortxatzeagatik". Titularrean ez, baina lehenengo paragrafoan esaten zuten neska jatorriz hegoamerikarra zela. Albistearen komentario gehienak xenofoboak ziren. Pentsa: zein izango zen irakurleen erreakzioa, kazetariak biktima ere etorkina zela esan balu titularrean! Eta biktimaren jatorria bakarrik aipatu balu? Eta, "Lau gizonek gazte bat bortxatzeagatik", soilik idatzi balu?  2015. Kolonia . Alemaniako hiri horretan ehunka lapurreta eta sexu eraso salatu ziren Gabon zaharrean. Bertoko zein kanpoko hainbat hedabidek azpimarratu egin zuten atxilotuen artean errefuxiatu ugari zeudela. Alemaniako Gobernuak bi neurri errepresibo iragarri zituen: errefuxiatuak kanporatzeko legea gogortzea eta kalean polizia gehiago ipintzea. Berriro ere, hedabideetan eta sare sozialetan erreakzio xenofoboak nabarmendu ziren.  Komentario oso interesgarri bat irakurri nuen Interneten: "Erosotutako emakumeen nazionalitateari buruz informatu gaituzte ala denak alemaniarrak, ileoriak eta begi-urdinak direla jakintzat eman behar dugu? Badirudi batzuentzat erasotzaileen nazionalitatea oso garrantzitsua dela, baina biktimen gehiengoak errefuxiatuak izan balira, amorru berdina adierazi eta asilo politika aldatzea exijituko genuke?". Brigitte Vasallok purplewashing (garbiketa morea) kontzeptua erabiltzen du joera hau definitzeko. Alegia, emakumeen eskubideen defentsa etorkinak kriminalizatzeko aitzakia bezala erabiltzea. Koloniako albisteei buruz idatzi zuen Pikara ko artikuluan nabarmendu zuen sexu erasoen arduradunak "gutarrak" direnean (Sanferminetan, esaterako) gizarteak indarkeria justifikatzen duela. Vasallok astebetez milaka irain eta eraso jaso zituen, "moro batek bortxa zaitzala desio dizut" eta antzekoak. Errenterian gertatutakoa gogorarazi zidan: "Gure emakumeak bortxatzera datoz" argudioarekin xenofobia elikatzen duten gizonak mozorro barik geratzen dira euren gorrotoa emakumeen kontra ere (etorkinak, arrazakeriaren kontrako aktibistak...) bideratzen dutenean. 2010. Bilbo . Hainbat elkarte feministek bilera bat antolatu genuen indarkeria sexista eta bereziki kaleko sexu erasoak, gizon etorkinei leporatzen ari zitzaizkielako kezkatuta. Aktibista zuriok aurreiritzi horren arrazoia argi geneukan: kalean ezezagun baten jarrera edo eraso matxista identifikatu eta salatzea gutxiago kostatzen zaigula gure etxean bertan, lan esparruan edo gaztetxean bizi ditugunak baino. Eta beste arrazoi bat: gizartearentzat lasaigarria da indarkeria matxista "besteen", "kanpokoen" arazoa dela pentsatzea. Ordea, feminista etorkinen txanda heldu zen, eta gizon autoktonoekin bizitako egoera matxista eta arrazistak kontatu zizkigutenean aho bete hortz gelditu ginen. Esaterako, kalean norbait itxaroten egotea, bertoko gizon bat hurbildu eta txortan egiteagatik zenbat kobratzen zuen galdetzea. Horrelako indarkeriak ez dira hedabideetan agertzen. Erasotzaile horien kontra inork ez luke kanporatze agindurik eskatuko.
news
argia-02cb8080d597
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/eae-rako-hezkuntza-legea.html
Eskola publiko eta kontzertatuaren arteko desadostasunak agerian
Mikel Garcia Idiakez
2016-01-31 00:00:00
Eskola publiko eta kontzertatuaren arteko desadostasunak agerian 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuen Eusko Jaurlaritzak, besteak beste bi helburu nagusirekin: eskola publikoa berritzea eta ikastolak sare publikoan barneratzea. Horren ondorioz, ikastola ugarik publifikatzea erabaki zuten. Gaur egun, hezkuntza sarearen %50a ikastetxe publikoak dira EAEn eta %50a itunpekoak edo kontzertatuak –nagusiki ikastolak eta kristau eskolak–. Orain, Heziberri planaren azken fasea hastapenetan du Jaurlaritzak: EAErako hezkuntza lege berria sortzea. Aurretik, Heziberrik ikastetxeen gestioa, autonomia eta finantzazioa zehaztu ditu, baita marko pedagogikoa eta curriculuma ere, eta dekretuetan jaso du guztia. Datorren legearen asmoa "garai berrietara egokitzea eta hezkuntza sistema propioa eraikitzea" dela diote Jaurlaritzatik, eta EAEko hiru sare nagusiak barne hartzea ere badu helburu: alegia, orain Euskal Eskola Publikoaren Legea dena, Euskal Eskolaren Lege bihurtuko da, sare publikoaz gain sare kontzertatuari ere eragingo diolako. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eragileekin biltzen hasia den honetan, eragileen beraien artean sortu diren desadostasunez eta partekatzen dituzten helburuez eztabaidatzeko bildu ditugu, mahaiaren bueltan, Abel Ariznabarreta Ikastolen Elkarteko kidea, Aitor Idigoras eskola publikoko irakaslea eta Mariam Bilbatua pedagogoa. Agortuta dago 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea? Abel Ariznabarreta: Lehenik eta behin, hezkuntza legearen gaia mahai gainean jartzea eskertu nahi dut, ikusten baitugu gaiari hitzez lehentasuna ematen zaiola Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, baina praktikan ez garela inoiz iristen lege baten oinarriak ere jartzera, eta oraingoan ere, zalantzak ditut datozen hilabeteetan kapazak izango garen aurreko hiru urte eta erdian egin ez dena egiteko. Edozein kasutan, hezkuntza eragileok gure ekarpenak egin ditugu urteotan, legearentzako baliagarri izan daitezkeenak. Galderari erantzunez, 1993ko Legea gauzatu zen 1992an egindako eskola-itun edo akordio politikoaren ondorioz, eta oker ez banago bost urterako zegoen aurreikusita ituna. Bada, inertziaz lege berarekin jarraitu dugu ordutik, eta 22 urtean gauza asko gertatu dira: ezagutzaren eta berrikuntzaren gizartean gaude, teknologian aldaketa handiak eman dira eta bestelako eskariak daude. Horri gehitu behar zaio tartean sei edo zazpi lege organiko ere izan ditugula, Estatuak jarritako oinarrizko legeak, gurean ere ezinbestean bete beharrekoak (autonomien eskemaren gainetik estatu osoan dutelako eragina). Nahiz eta Autonomia Estatutuak hezkuntza gaietan konpetentzia osoak aitortzen dizkion Euskal Autonomia Erkidegoari, argi geratu da Espainiako edozein lege organiko EAEko lege propioen gainetik dagoela, eta sei bat izan ditugu (LOMCE dugu azken adibidea), beraz pentsa zer nolako desitxuraketa sufritu duen 93ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak. Eta gainera, 93ko Legeak gure hezkuntza sistemarentzat hainbat elementu onuragarri aurreikusten zituen arren (ikastetxeen autonomia esaterako), ez dira inoiz martxan ipini. Horregatik guztiagatik, eskola-itun baten beharra eta lege berri baten beharra aldarrikatzen dugu, aspalditik. Aitor Idigoras: Bai, 93ko Legea zaharkituta dago, baina badira detaileak berritzaile gisa aurkezten ari direnak eta 93ko Legearekin egitea posible direnak: adibidez, A ereduan euskara ordu gehiago sartzeaz mintzo da orain Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, baina hori aspaldiko proposamena da, eta 93ko Legearekin egin daiteke. Berdin Abelek aipatu duen ikastetxeen autonomiaren gaia, 93ko Legeak jasotzen duena baina garatu gabea. Alegia, Euskal Eskola Publikoaren Legearen atal batzuk oso zaharkituta daude, baina beste batzuk garatzear. Kontua, dena den, beste bat da: pasako gara Euskal Eskola Publikoaren Legetik Euskal Hezkuntzaren Legera. Publiko hitza desagertu egingo da; azken hogei urteotako korronte neoliberalari jarraiki, hezkuntza sareen kudeaketa aldatu nahi da. Heziberrik hiru fase ditu: marko pedagogikoa, curriculum proiektua eta gaur mintzagai dugun legea. Lehenengo bi faseak onartuta daude, eta bigarrenean, curriculumari buruz bakarrik ez, sareen kudeaketaz, autonomiaz, hizkuntzen trataeraz… gauza oso eztabaidagarriak esaten dira; beraz, 93ko Legea gainditu beharra dagoen arren, kontuz norantz goazen. Maila berean jarriko ditugu, Heziberrik egiten duen moduan, itunpeko ikastetxeak, ikastetxe pribatuak, eta ikastetxe publikoak? Heziberriren aurkezpenak, hitzez hitz, ondorengoa jasotzen du: "Heziberri 2020 planaren helburua argia da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza eta garapen ildoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin (…) Plan hau egiteko hiru iturri hartu ditugu kontuan: nagusiki, Europar Batasunak 2020rako ezarritako hezkuntzaren xedeak". Eta zeintzuk dira xede horiek? Bada, horiek ere hitzez hitz irakurriko dizkizuet, Europar Batzordeak 2012an ezarriak: "Gazteen langabezi tasa %23ra hurbiltzen da Europar Batasun osoan, baina bete ezin daitezkeen 2 milioi lanpostu daude. Europak ezinbestekoa du errotik birplanteatzea hezkuntza sistemak nola hornitu ditzakeen lan merkatuak behar dituen gaitasunak". Hori da europar markoa, eta hori da Heziberriren erreferentzia-markoa. Heziberri ez da LOMCEri aurre egiteko ezer, Europako estrategia da helburua, hezkuntza ulertzeko modua berbera delako. Mariam Bilbatua: Euskal Eskola Publikoaren Legeak erantzun nahi izan zion lehendik zetorren egoera bati. Trantsizio garaian, alde batetik, gure hezkuntza sisteman ikastolak zeuden, lan izugarria egin zutenak euskalduntze prozesuan, euskal kulturaren transmisioan eta gure hezkuntza eredua eratzeko bidean. Bestetik, Gernikako Estatutuaren onarpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eskola publikoak bereganatu zituen, ordura arte ekarpen gutxi egin ziotenak euskarari eta euskal kulturaren transmisioari. 1979tik bi sareek izandako garapenak, lege propio bat izateko beharra azpimarratzen zuen: ikastolek ordura arte garatutako proiektuaren etorkizuna bermatuko zuen aitorpen instituzionala behar zuten, eta eskola publikoek berriz, euskalduntze prozesuan eta euskal kulturaren transmisioan emandako urratsen aitorpena. Gaur egun, euskalduntzean eta transmisioan egindako ekarpen hori aitortzen zaio eskola publikoari, baina ikastolek behar zuten aitorpen instituzionala zintzilik geratu da, nire iritziz. Zentzu horretan, uste dut 93ko Legeak ez zituela bete beharreko funtzioak bete. Horrez gain, oinarrizkotzat ematen ziren irizpideak, adostasunez finkatuak eta Legeak jasotzen dituenak (finantzaketa autonomia, sektore eta eragile ezberdinen partaidetza…) ez dira garatu, hitzetan geratu dira, zuek aipatu duzuen moduan. Egia da azken hogei urteotan pauso izugarriak eman direla eskolen euskalduntze prozesuan (ez dakit legeak bultzatuta, edo ikastetxe eta gurasoen lanari esker), baina oraindik ere ez daukagu gure hezkuntza sistema propioa garatzeko ahalmenik. Bestalde, araututako hezkuntza propio bat garatu nahi badugu, konpetentzia politikoez gain gogoeta propioa ere behar dugu: zein da nahi dugun hezkuntza sistema eta zein berezitasun izango ditu? Idigoras, zuk zenioen moduan, lege berriak eskola publikoaz gain itunpekoak ere hartu nahi ditu bere baitan. Ildo horretan, publikotasunaren kontzeptua berrikusi egin behar dela diote ikastolek. A. Ariznabarreta: Euskal Eskola Publikoaren Legea berritzailea izan zen, baina ez administrazioa berritzailea zelako, aurretik hezkuntza eragileek berrikuntza pedagogikoetan garatutako ibilbidea Legeak bere egin zuelako baizik. Gaur egun, zer da administrazioa egitera doana, dauden elementu ezberdinak bateratu, beste modu batera antolatu eta finantzazioa birdefinitu, ala benetan sistema integratua antolatu nahi du? Hori da galdera klabea. Administrazioaren esanetan, hezkuntza sistema integral eta integratua bilatzen du Legeak, eta ildo horretan, publikotasunaren kontzeptua gakoa da. Ikastoletatik egin dugun planteamendua da euskal hezkuntza zerbitzu publiko bezala ulertzea. Denon artean zehaztu beharko dugu zer esan nahi duen publikotasunaren kontzeptu horren barruan egoteak, zein oinarri, printzipio eta balore dituen gure hezkuntza sistemak, eta horiek praktikara eramateko konpromisoa hartzen duten guztiek parte hartuko dute euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoan. Titulartasun ezberdina mantenduz baina konpromisoak betetzen dituzten neurrian, sareek finantzazioan eta gainerakoetan hartuko dute parte, beren betebehar eta eskubide guztiekin. Horrela definituko dugu hezkuntza sistema bere osotasunean. A. Idigoras: Duela 30 bat urtetik jasota daude betebehar horiek: ikasleak ez segregatzea, irakasleak nola kontratatu, eta beste mila kontu; arazoa da itunpeko sareak oro har ez dituela betetzen. Beraz, hemendik aurrera zein sinesgarritasun izan dezakete balizko konpromiso horiek? Nire ustez, hutsaren hurrengoa. Publikotasunaren kontzeptua kolokan jartzen dutenak ez dira soilik ikastolak, kristau-eskolek eta gainerako sare pribatuek ere, tartean sexuaren arabera ikasleak banantzen dituzten ikastetxeek, publikotasunaren beste kontzeptu bat nahi dute. Valentziako PP jada ez da ikastetxe pribatu-kontzertatuez mintzo, publiko-kontzertatu izendatzen ditu, zerbitzu publikoa ematen dutela argudiatuta. Eztabaidatu dezakegu kooperatibak parte-hartzaileagoak eta herriarekiko hurbilagoak diren, baina ez gaude prest eztabaidatzeko zer den publikoa eta zer ez. Prest gaude eztabaidatzeko, eta derrigor egin behar dugu gainera, zein hezkuntza eredu publiko nahi dugun. Baina publikotasunaren gainean zer eztabaidatuko dugu, zer den domeinu publikoa, zer den espazio publikoa?... Ataka zailean gaude, eta hiruon artean pixka bat deskribatu dugun ibilbide historiko honek ekarri gaitu gauden lekura, hezkuntza eredu ezberdinek izan dituzten ondorioekin: EAEn eta Euskal Herrian bizi dugun egoerak ez du parekorik Europan. Hor ditugu hezkuntza publikoa, ikastolak, kristau-eskolak, ICE, beste hainbat kooperatiba… Honek bai ala bai ekarri du jendartearen hierarkizazioa. Beste inon ematen ez den fenomenoa gertatzen da hemen: "Noren seme-alaba zara, zenbat diru irabazten duzu? Orduan ikastetxe honetan ikasiko duzu". Errealitate hori ukaezina da eta hezkuntza publikoak bereziki EAEn zailtasun handiak ditu aurrera egiteko, inoizko egoera subsidiarioena bizi du. Apartheid egoera bizi dugu: Gasteizera 11 urteko aljeriar bat iristen bada, ikastetxe gehienetan sarrera ukatuko diote, nahiz eta haren gurasoek ordaintzen dituzten zergak ikastetxe horiek finantzatzeko erabiltzen diren. Atomizazio honek kohesio sozialean, herrietan eta jendartean ondorio oso larriak ekarri ditu eta publikotasuna zer den eta zer ez eztabaidatzen hastea ez dakit herritarron agendan ote dagoen. Sareen harmonizazioa bilatu behar bada, beste publifikazio prozesu bat ezar daiteke, eta bakoitzak erabaki dezala publiko ala pribatu den, baina ez dugu uste denok barruan sartu ahal izateko publiko hitza txiklea bezala luzatzeak inongo onurarik ekarriko dionik gure hezkuntza sistemari. M. Bilbatua: Publikotasunari buruzko galdera honi erantzuteko gako nagusietakoa eskola inklusiboa da, nire ustez ere. Gure hezkuntza sistema kalitatezkoa izango da, baldin eta bermatzen badu pertsona guztiek aukera berdinak izango dituztela kalitatezko hezkuntza jasotzeko. Hori ardatza dela argi utziz, publiko izaera instituzioek emango diete ikastetxeei, eta izaera hori lortzeko eskolak edo irudikatu dezakegun heziguneak herritar guztiei zuzendua eta irekia izan behar du, eta komunitatearen partaidetza eta kontrola ere bermatu behar ditu. Baina publiko izaera ez nuke mugatuko Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen ikastetxera; bestelako erreferenteak ditugu beste herrialde batzuetan. Eskola publikoak izan behar du Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoena, ala udalaren menpekoa, kontrol publikoa bermatzen duen erakunde baten menpekoa? Iruñeko udal haurreskolak publikoak dira, zuzenean administrazioaren pean egon ez arren? Partzuergoan dauden haurreskolak publikoak dira?... Sakondu beharreko gaia dela uste dut, nahi dugun eskola ereduan sakondu, eta gure buruari galdetu behar diogu daukagun publikotasun eredua ez ote dagoen oso lotuta Espainian eta Frantzian dagoen funtzionamendu ereduari. A. Ariznabarreta: Berdina diot, ikasle guztien hezkuntza eskubidea inolako bazterkeriarik gabe bermatzea da oinarri-oinarrian hezkuntza zerbitzuaren lehen printzipioa, eta hortik abiatuta ardaztuko lirateke gainerako printzipio guztiak. Hori bermatzen ez duen ikasguneari ezin zaio zerbitzu publikoa aitortu, eta berdin gainerako printzipioekin. Adibidez, ikuspegi herritarretik, kontrol soziala ere beharrezkoa ikusten dugu, ez bakarrik administrazioaren kontrola. Askatu beharreko korapiloa da, eta legea egitera iritsiko ez bagina ere, puntu hauek guztiak eztabaidatzea aberasgarria da gure hezkuntza sistemak norantz egin behar duen guztien artean erabakitzeko. A. Idigoras: Bai, gure hezkuntza sistemaren noranzkoaz eztabaidatzearekin bat nator. Mariam, aipatu duzunaren harira, guretzat eskola publikoaren titulartasunak administrazioaren menpe egon behar du, udalaren edo gobernuaren menpe, baina administraziopean. Egia da titulartasuna ez dela nahikoa, baina bai ezinbesteko baldintza publiko zer den eta zer ez argitzeko. Eztabaidatu dezakegu zein eredu publiko nahi dugun, askoz eredu erakargarriagoa eta herritarrengandik hurbilagoa izango litzatekeelako adibidez Finlandiakoa, non udalek ia %100eko eskumenak dituzten, baina hori ere administraziopeko hezkuntza da. Interes ekonomikoak edo erlijiosoak dituzten ikastetxeak kontzeptu ezberdinak asmatzen joan dira, adibidez kristau-eskolek diote ekimen sozialekoak direla, ikastolek ekonomia sozialaz hitz egiten dute… baina iruditzen zait sozialak ez diren beste lehentasun batzuk dituztela, zoritxarrez. Aipatu duzuen moduan, ikasleak hartzeko garaian sare eta ikastetxeen artean oreka edo ekitatea lortzea da erronka nagusietakoa, ghettoak saihesteko. Konpromisoez mintzatu zarete, zein neurri hartu beharko lirateke oreka hori bermatzeko? A. Idigoras: Beti diogu: auzo bat, eskola bat. Zaila da ulertzen zergatik ekitatea lehen printzipio bezala jartzen duen sare batek ez duen hori betetzen. Berriz diot, 11 urteko aljeriar hori banaiz eta etxe azpian kristau-eskola eta ikastola baino ez badauzkat, zergatik ez daukat bermatuta auzoan eskola doakoa eta laikoa? Zergatik joan behar dut ez-dakit-noraino? Hori segregazioa da, eta segregazioa onartzen duen ikastetxeak ez luke itunik izan behar. Aljeriar hau ikastetxe publikora etortzen denean, lehenengo ongi-etorria egingo zaio eta gero galdeketa: nondik zatoz, zer dakizu eta zer ez. Gaur egun itunpeko ikastetxeetan alderantziz egiten da: lehenengo galdeketa eta gero, agian, ongietorria. M. Bilbatua: Iruditzen zait, eskolatik harago planteatu beharreko eztabaida dela hau. Auzo marjinatu batean dagoen ikastetxeak nekez lortuko du ekitatea, publikoa edo pribatua izan, beste zerbitzuen laguntzarik ez badauka, edo administrazioaren aldetik laguntza bereziak jasotzen ez baditu. Aitor, ulertzen dut zure planteamendua, ezin da onartu ikastetxe batzuek ikasleak ez hartzea, baina uste dut ikastetxe guztiek hartuko balituzte ere, ez genukeela arazoa konponduko. Horregatik, irudikatu ditzagun egoera hauetan beharko genituzkeen zerbitzuak, eta baditugu adibideak beste herrialde batzuetan, non bereziki 0-6 urteko irakaskuntzan, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza zerbitzuak eta osasungintzakoak biltzen diren. Erantzuna eremu zabalago honetara eramango nuke: zein hezigune mota behar dugu, gaur egungo kultur aniztasunaren beharrei erantzuteko eta denek euskal kulturan integratzea eta garapen pertsonal osoa lortzea bermatzeko? A. Ariznabarreta : Bat nator biek esan duzuenarekin. Eta ez dago ikasleen beharrei ekitatez erantzuterik baliabideen banaketa ekitatiborik gabe. Ez dut esan nahi guztientzat berdina, ekitatiboa baizik: egoera sozioekonomikoaren eta beharrizanen arabera, gehien behar duenari gehiago. Horregatik, ikastolok eskatzen dugu oinarrizko funtzionamendua bermatzeko hezkuntza sistemako ikastetxe guztientzat oinarrizko finantzazio berdina, eta egoera bereziei erantzuteko finantzazio osagarria, beti ere ikastetxeek edo ikastetxe taldeek modu sinesgarrian frogatzen duten neurrian lehen aipaturiko printzipioen etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa. A. Idigoras: Hezkuntza publikoan ari garenok datorrenari aurre egiten diogu, baliabideak direnak direla ere. Alegia, baliabide gutxi ditugu, baina horregatik ez dizkiogu behar bereziak dituen ikasleari ateak itxiko. Zerbitzu publikoa, berriro diot, hori da. Burura ikastetxe ugari datozkit baliabide asko dituztenak, kalitatezko Q eta halakoak dituztenak, dirutza dutenak… Baina zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta behar bereziko ikasle gutxiago dituzte. Klase kontua da: eliteko ikastetxeek diru asko dute eta behar bereziko ikaslerik batere ez; baliabideen argudioa tranpatia da. A. Ariznabarreta: Argi gera dadin errepikatuko dut: ikastolok behin eta berriro aldarrikatu dugu gu gauden eskola-eremu bakoitzean, edozein behar bereziko ikasle eskolaratzerakoan gure matrikulazio tasaren neurriko konpromisoa hartzeko prest gaudela. Eta hori betetzen dugu; bere borondatez datorren inori ez zaio matrikulazio bat ukatu, eta administraziotik esleitu zaizkigunean ere ez. Ikasleen harreran bakarrik ez, pentsatzekoa da oreka beste eremu batzuetan ere bilatu beharko dela: irakasleen kontratazioan, ikastetxearen gestioan, baliabideetan, finantzazioan… Zein irizpide finkatu beharko lituzke legeak, joko-arauak berdintze aldera? M. Bilbatua: 1993ko Legeak dio ikastetxeek aukera daukatela euren hezkuntza proiektua diseinatu eta garatzeko, baina praktikan ikusten dugu hainbat faktorek oztopatu egiten dutela proiektu propioen garapena. Irakasleen kontratazioari lotuta, esaterako, irakasleriaren egonkortasun eza ikastetxeek gaur egun daukaten arazo garrantzitsua da. Hezkuntza proiektu oso interesgarriak dituzten eskolak ikusi izan ditut, denborarekin ahultzen joan direnak desagertzeraino, irakasleen egonkortasuna bermatzeko aukerarik izan ez dutelako. Irakasleak hautatzeko eskumena izan beharko luke ikastetxeak, bai eskolen autonomia eta bai irakasleen lan eskumenak bermatuz. Beste herrialde batzuetan biak bermatzeko gai dira. Era berean, eskola bakoitzak dituen berezitasunen araberako baliabideak definitzeko gai izan beharko ginateke, gaur egun oso irizpide homogeneoak erabiltzen direlako, eta ikastetxe batean 20 ikasleko ratioa normala izan daiteke baina beste ikastetxe batean beharbada kopuru handiegia izango da. Ikastetxe bakoitzaren beharretan oinarritutako autonomia eredura pasa behar dugu. Eskolaren antolamenduan eta gestioan homogeneizazioaren alde egiten badugu, ez dugu kalitatezko hezkuntza lortuko. Konfiantzarekin dago lotuta, kalitatezko hezkuntza sistemetan administrazioak konfiantzan oinarritzen duelako ikastetxearekiko harremana, eta hemen aldiz mesfidantza da nagusi, ikastetxeak ariko balira bezala behar edo merezi ez dituzten baliabideak eskatzen. Bestalde, emaitza akademikoetan oinarritutako irizpideak oso arriskutsuak dira. Heziberrik halako zerbait aipatzen du, eta horrela eginez gero arazo larriak sor daitezke, laguntzak eta baliabideak emaitzen eta rankingen arabera antolatzen direnean irakaste-prozesuak emaitzetara bideratzen dituztelako ikastetxeek, eta horrek izugarrizko kaltea ekartzen dio hezkuntzari. Moduak daude proiektuen emaitzak baloratzeko, baina proiektuak berak eman beharko lituzke adierazleak, ondo garatzen ari al den jakiteko. A. Ariznabarreta: 93ko Legeak autonomia pedagogikoa eta curricularra aurreikusten ditu, eta –marko eta lehentasun batzuen barruan– ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektuan behar dituen baliabideak definitu ahal izatea, baita baliabide horien kudeaketa ekonomikoa ere, pertsonalaren kudeaketa. Baina autonomia ekonomiko hori ez da garatu urte hauetan guztietan. Horri buelta eman behar zaio, Mariamek aipatu moduan hezkuntza proiektuen arabera, eta langileen eskubideak uztartuz. A. Idigoras: Heziberrin ikastetxe publikoetako autonomia proiektuak zehazten dira. Bitxia da legean publiko, itunpeko, pribatu, denak batera sartzen dituztela, baina autonomiari eskainitako kapitulu horretan Heziberrik ikastetxe publikoak baino ez dituela aipatzen, kontrol mekanismoak zehazten direlako. Klaustroen aurrean kontu emateaz mintzo da, eta emaitza akademikoei arreta berezia jarriko zaiela dio, "batik bat banakako eta amaierako ebaluazioetan lortutako emaitza akademikoei"! Autonomiaren gaiari heldu behar diogu, hala da, baina ea zer ulertzen dugun autonomiaren kontzeptuarekin, bai LOMCEn bai Heziberrin autonomia ulertzen delako eredu gerentzial moduan. Hau da, itunpeko ikastetxeetan dagoen eredua publikoetara ekartzea eta esaterako zuzendariak eskumena izatea ordezko bat kaleratzeko. Sindikatu eta langileen ordezkari garen heinean, horren kontra gaude. Eta Legea zerotik hasiko dela saltzen diguten arren, ez da hala, dagoeneko Heziberrik atera dituen dekretuetan ikusten dugulako Legea oso baldintzatuta datorrela, sareen bateratzean edo autonomia ulertzeko moduan, besteak beste. Eta bai, irakasleen egonkortasuna beharrezkoa da, baina edozein irakaslek ziurrenik bat egingo du –ñabardura pedagogiko-metodologikoak gorabehera– ikastetxe publikoetako irizpideekin, beharbada ez ordea kristau-eskola batekoekin. Bereizi behar delako ikastetxearen proiektu pedagogikoa eta hainbeste aldarrikatzen den ikastetxearen nortasuna. Adibiderako, hezkuntza sarearen %35 Elizaren esku dago EAEn, eta ikastetxe horietan jasotzen diren printzipioek erlijioarekin eta ebanjelioarekin dute zerikusia. Horregatik, irakasleen egonkortasuna beharrezkoa ikusten dugu eskola publikoan, baina itunpeko eta publikoko ikastetxeetarako langile zerrenda bateratua egiten bada, zalantzak sortuko zaizkio batera edo bestera egokitu, bai langileari, bai patronalei, bai kooperatiben munduari. Irakasle homosexual eta ateo bati ikastetxe erlijiosoa egokitzen bazaio, zer? Katalunian, eskola publikoetan irakasleria kontratatzeko sistema honakoa da: zuzendariak –ez eskola komunitateak– erabaki dezake oboea dakien Musika irakaslea nahi duela, zerrendan begiratuko du profil hori dutenak zeintzuk diren, eta ikastetxean elkarrizketatu ostean zuzendariak hautatuko du irakaslea. Hori eskola publikoetan gertatzen ari da, autonomia proiektuetan sartu diren eskoletan. Ezin da halakorik inondik inora onartu, tarteko bide bat bilatu beharko da. M. Bilbatua: Ez nuen hori ezagutzen eta harrigarria iruditzen zait inongo bermerik eta kontrolik gabe, hezkuntza proiektuan justifikatu gabe halako hautaketak egin ahal izatea. Eskolak irakasleak hautatzeko eskubidea izan behar duela diodanean, testuinguru zehatz batean kokatzen dut, jakina. Ikastetxeen autonomia jarri duzue mahai gainean. Hirurek argi duzue emaitza akademikoak ezin direla izan autonomiarako neurgailu. Nola garatu ikastetxeen autonomia? A. Idigoras: Autonomia curricularra beharrezkoa da, baina hori bai, aukera berdintasuna bermatuz. Autonomiak ez du esan nahi sistemaren arau ezarantz egin behar dugunik, bakoitzak nahi duena egin dezakeenik, eta hori da Heziberrik gaur egun planteatzen duena: bakoitzak nahi duena egin dezala eta ontzat emango dugu. Autonomiak totema dirudi, inongo adostasunik gabe Hezkuntza Legerako jada aurrez onartua, baina sakondu beharreko gai mamitsua da. A. Ariznabarreta: Ados Aitorrekin, baina ez dugu uste autonomia hori dagoeneko emantzat datorkigunik. Are gehiago, administrazioak oraindik ez du Heziberriren bigarren fasea bete, dekretua argitaratu gabe dago [hala zegoen mahai-ingurua egin genuenean], eta larria da, aurtengo ikasturtean de facto indarrean dagoelako eta ez dagoelako kaleratuta. Zeren zain dago Jaurlaritza, Madrilgo panorama politiko berriaren arabera LOMCE bertan behera geratzeko zain, EAEko dekretua erretiratzeko? M. Bilbatua: Aitor, harritu nau iradokitzeak curriculuma eratzeko autonomia gehiegi ematen zaiela ikastetxeei. Hori ez baita erreala; ikusten dugu ebaluazioetan ezagutza zehatzei erantzun behar izaten dietela ikasleek, eta egoera alderantzizkoa dela, curriculum erabat itxia nahi da, LOMCEren ebaluazioek baldintzatua. Aldiz, ondo funtzionatzen duten herrialdeetan, administrazioak oso curriculum irekiak diseinatzen ditu eta ikastetxeen esku uzten du curriculum propioa garatzea. Eta gainera, Finlandian adibidez, ez dituzte ikas-prozesuan zehar etengabe ebaluazioak egiten. A. Idigoras : Ez dakit nola ulertu den, baina aniztasun eta malgutasun curricularra daukagula baino ez nuen esan nahi, batez ere Lehen Hezkuntzan. Esaterako, hainbat lekutan herri curriculumak egiten ari dira, horretarako margena dagoen seinale. Autonomiak eremu curricularrari erantzun behar dio batez ere, eta ez horrenbeste baliabideen kudeaketari. Esan duzuen bezala, Legea egin aurretik hainbat puntu dagoeneko erabaki ditu Heziberrik lehenengo eta bigarren fasean. Hizkuntzaren trataera da horietako bat eta eskoletan egungo hiru ereduak mantentzearen alde egiten du (A, B, D), eragileek aspalditik aldarrikatzen duten arren ereduok gainditu eta euskararen inguruan ardaztutako hezkuntza garatzeko beharra. Hizkuntzaren trataera zein izan beharko litzateke, lege berrian? A. Ariznabarreta: Heziberrik jaso duen puntu horri ere momentuz ez diogu kasu gehiegirik egin, ez dutelako alternatibarik planteatu. Bai Eskola Kontseiluak berak bai eragile ezberdinok aspaldi eskatu genuen beste planteamendu bat. Euskararen Normalkuntza Legea 1982koa da eta hurrengo urtean sortu ziren ereduok, ikusi zein testuingurutan. Ikastolok nahiago izan dugu Eleanitz proiektua deitzen duguna garatu, eta horretan ari gara 1991tik. Euskara ardatza da gurean, lehen hizkuntza, eta horrekin batera gaztelania, ingelesa eta frantsesaren ezagutza maila ere definituta dauzkagu irteera profilean: derrigorrezko eskolaldia bukatzean zein da –beste konpetentziekin egiten dugun moduan– ikasleak izan behar duen hizkuntza konpetentzia? Bada, Europako erreferentzia markoak aintzat hartuz, ikasleak euskaran B2 maila lortzea dugu helburu, ingelesean B1, gaztelanian B2 Hegoaldean eta A2 Iparraldean, eta frantsesean B2 Iparraldean eta A2 Hegoaldean. Horren arabera jokatzen dugu eta Oiongo edo Bermeoko ikastolak berdinak ez direnez, testuinguru soziolinguistikoaren arabera antolatzen da ikastola bakoitza, beti ere argi edukita irteera profilak zein izan behar duen. Hezkuntza sistema osoari begira ere, lau hizkuntzotan lortu beharreko konpetentzia argi zehaztu beharko litzateke irteera profilean, eta etapa bakoitzerako tarteko profilak ere zehaztu beharko lirateke, Europako markoa baliatuz. Horri lotuta, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuak garatzeko, baliabideak eta apustu serioa egon beharko luke administrazioaren aldetik. M. Bilbatua: Irteera profilean oinarritzen zaretela diozu, baina praktikan eredu bat hautatu duzue: murgiltze edo mantentze eredua [D eredua], eta nik uste hezkuntza sisteman denok horrantz jo behar dugula. Emaitzetan ikusten dugu: A ereduan euskarari lotutako emaitzak oso kaskarrak dira eta gainera A eredua mantentzea inklusioaren aurka doala gehituko nuke, zenbait kasutan eredu hori duten ikastetxe publikoak esklusiorako ghetto bihurtzen direlako. Murgiltze eredua positiboa izan daiteke bai euskara ikasteko bai inklusiorako, baina Abelek dioen moduan, eredu bakarra izanik malgua izan beharko litzatekeela uste dut, eskolen egoera soziolinguistikoa eta ikasleen aniztasuna kontuan hartuz. 2012ko ebaluazioak hor ditugu, eta sistema osoak oraindik badu zer ikasi eta zer egin, euskararen irakaskuntzan emaitza onak lortzeko. Zentzu horretan, euskaldun eleanitzez hitz egiten ari gara, baina oso kontziente izan behar dugu euskaldun izateak zer esan nahi duen. A. Idigoras: Heziberrik jasotzen duen planteamendua azken urteotan euskarari egin zaion erasorik bortitzena da. Hezkuntza sare osoan pentsatutako planteamendua egiten du, eta ikastolen errealitatetik begiratuta partekatzen dut Abelek dioena, D ereduaren barruan malgutasunez jokatu ahal izatea, Oion eta Bermeoko itunpeko ikastolen egoera ezberdina aintzat hartuz, baina kontua da Oionen ikastetxe publikoa ere badagoela, subsidiaritate egoeran, eta horri testuinguru soziolinguistikoaren malgutasuna aplikatzen badiogu, akabo [B eredua du ikastetxeak; datorren ikasturterako D ereduko lerro bat ere egongo da]. Heziberrik hori dio, ikasleen euskara lorpen adierazleak ikastetxearen ingurune soziolinguistikoaren araberakoak izango direla. Nafarroaren zonifikazioa EAEra ekarria, nolabait. Ingurune soziolinguistikoa inoiz ezin da aitzakia izan lorpen adierazleak malgutzeko, ala legeak jasotzen du matematiketako emaitzak baxuagoak izan daitezkeela Ezkerraldean, ingurune sozioekonomiko okerragoa dutelako? Juxtu alderantzizkoa behar luke administrazioaren planteamenduak: baldintza soziolinguistiko okerragoak ditu ikastetxeak? Ba ikastetxe horretan indarrak jarriko ditugu, euskara mailan gainerakoen pareko lorpen adierazleak bermatu ahal izateko. Heziberrik jasotzen duena larria da euskararentzat: esaten du adibidez ikastetxe bakoitzak aukeratuko duela ingelesari zenbat ordu eman. Ikastolen kasuan primeran, baina kristau-eskolan akuiluarekin ibili behar izan du administrazioak euskara sartzeko, eta lortu denean A eta B ereduko ikastetxe asko euskalduntzea, orain berriz atzera egin eta lehen aipatu dudan araurik eza nagusitzen da: norberak egin dezala nahi duena. Are gehiago, Heziberrik gaineratzen du ikastetxe guztietan atzerriko lehen hizkuntza komunikazio hizkuntza gisa orokortu behar dela, ikastetxeko hizkuntza orokortua bihurtu arte. A. Ariznabarreta: Erabat ados. Ingurune soziolinguistikoak ezin du izan aitzakia lorpen adierazleak malgutzeko. Guk dioguna da: jar ditzagun lorpen adierazleak, eta ikastetxearen hizkuntza planteamendua izan dadila tresna eta bidea horietara iristeko. Eta ekitateaz genioena hona ekarrita, hizkuntzaren tratamenduan ere baliabide gehien behar duen ikastetxeak baliabide gehiago jaso ditzala. Bide batez, eskolena bakarrik ez, gizarte osoaren erantzukizuna da euskalduntzea, baina esan beharra dago azken urteotan euskalduntze prozesuan eman den aurrerapauso nabariaren atzean eskolak egin duen lana dagoela. "Euskal eskola publiko bakarra behar dugula" argi du Aitor Idigorasek, "hortik abiatuko baita balizko Euskal Herri aske baten hezkuntza eredu justuena". Mariam Bilbatuaren ustez, aldiz, "eskola publiko hori beste eredu batekin eraiki behar dugu". Eta herri hezitzaileak jarri ditu adibide, "hezkuntza formaletik harago doan hezigunea irudikatzeko aproposak". / Dani Blanco Heziberriz ari gara, eta hein batean LOMCEk baldintzatuta daude honen eduki eta aginduak. EAErako Hezkuntza Legea ere, Espainian indarrean dagoen edo etorkizunean egon daitekeen legeak baldintzatuko du ezinbestean? Bertako eredu eta lege propioa lor dezakegu, ala beti egongo da Estatuko legearen menpe? A. Ariznabarreta: Hasieran aipatu dut Madrildik datozen lege organikoen eragina. Hezkuntza eskumenak erkidegoak ditu, baina tranpa dago hor, Estatuak bi eskumen berarentzat gordetzen dituelako, eta horien izenean, beste eskumen guztiak ere berenganatzen ditu. Bata da heziketa eskubidea eta bestea titulazioa. Nork sinatzen ditu hezkuntzan lortutako tituluak? Espainiako erregeak. Lege organikoak oinarri-oinarrizko markoa baino ez luke izan beharko, ikasle guztiek daukaten heziketarako eskubidea bermatzeko eta titulua eskuratu aldera beharrezkoak diren gutxienekoak finkatzeko. Baina Espainiako Gobernuak tituluaren eskumena baliatzen du harago joateko: esate baterako, LOMCE lege organikoaren bidez errebalidak jarri ditu ikas-prozesu osoan zehar. Eta modu horretan lortzen dute edukien kontrola ez galtzea. Testuinguru honetan, eragileon arteko eztabaidaren bidez guztion artean gai baldin bagara adosteko hemendik hamar-hamabost urterako hezkuntzaren iparra zein den, hezkuntza sistemaren oinarriak finkatu eta konpromisoak hartzeko gai bagara, luzarora begira horrek balio gehiago izango du. Eta Estatuaren lege organikoekin talka eginez gero ere, merezi du, besterik ez bada denon artean erabakitzeko zein hezkuntza eredu nahi dugun. M. Bilbatua: Bat nator; gure artean ikuspegi bateratua izango bagenu, indar gehiago izango genuke Madrildik etor daitezkeen erasoei aurre egiteko eta eraso horien aurrean bide ezberdinak bilatzeko. LOMCEren kontrako batasuna horren adibide izaten ari dela uste dut. A. Idigoras: Abelek oso ondo deskribatu du: tituluak jokoan dauden bitartean, zaila dago Estatuko lege organikoei aurre egitea. Dena den, bitartean badaude erremintak hezkuntza justuagoa lortzeko edota laikotasunean sakontzeko. Aurrera begira, ikastetxe guztiak publifikatzeak eta hezkuntza herritar guztion esku uzteak lagunduko luke sistemaren atomizazioa eta dispertsioa gainditzen, jendartearen hierarkizazioari aurre egiten. Azkenaldian lortu den hezkuntzaren inguruko akordiorik zabalena Gutun Soziala dugu: hezkuntza eskubidea aldarrikatzen dugu bertan, pertsona guztiek dutela hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspegitik; ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezko ez direnetan ere. Horrantz joan behar dugu eta norberak jarri beharko du bere aldetik, ez norbere interesetatik abiatuz baizik eta guztien ongizatea bilatuko duen eredurantz aurrera egiteko. Guk beti aldarrikatu dugu euskal eskola publiko bakarra behar dugula, hortik abiatuko baita balizko Euskal Herri aske baten hezkuntza eredu justuena. M. Bilbatua: Norbanakoen eskubideez diozunari gehituko nioke herri bezala gure hezkuntza sistema antolatzeko daukagun eskubidea. Bi eskubide horien inguruan antolatu beharko genuke gure eredua, pertsona orok hezkuntza on bat jasotzeko daukan eskubidea gure kultura, hizkuntza, historia… transmititzeko daukagun eskubidearekin uztartuz. Bidea euskal eskola publikoa dela ere adierazi duzu. Eskola publiko hori beste eredu batekin eraiki behar dugu, ezin gara egon Espainian edo Frantzian ditugun ereduen menpe. Gaur egun badaude herri hezitzaileen moduko ekimen oso interesgarriak, hezkuntza formaletik harago doan hezigunea irudikatzeko aproposak. Gizarteak dituen erronkei aurre egiteko eskola ez da nahikoa eta bestelako zerbitzuak ere behar ditugu, hezkuntza formala eta ez formala hartu behar ditugu kontuan, ditugun hezkuntza helburuak bete ahal izateko. Mondragon Unibertsitateak gonbidatuta, bertan egin dugu mahai-ingurua, Magisteritza ikasleen aurrean / Dani Blanco
news
argia-e23d361de62b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/telesail-zaharrak-berpizten-zergatik.html
Telesail zaharrak berpizten; zergatik?
Gaizka Izagirre
2016-01-31 00:00:00
Telesail zaharrak berpizten; zergatik? Azken urteetan hainbestetan entzun dugun "gaur egungo zinema onena, telebistatik dator" esaldia egia bada, zergatik berpiztu orduan Twin Peaks, Roots, Star Trek edo V bezalako telesailak? Originaltasun falta larriagatik-edo, film-industriak urteak daramatza ditxosozko remake famatuekin gora eta behera. Baina orain arte behintzat, pantaila txikiaren barruan panorama oso desberdina izan da. Zer ari da gertatzen? Zergatik eta zertarako berpiztu orain telesail horiek? Internet bidezko ikus-entzunezkoen zabalkundearekin (Netflix da adibide nabarmenena), lehia eta konpetentzia askoz handiagoa da eta ondorioz, gakoetako bat edukien artean bilatzen hasi dira, gidoi eta istorioen lanketetan alegia. Gaur egun nahiko erraza da diru gutxirekin ekoizpen ikusgarria egitea –neurri batean, jakina–, doako aplikazio ikusgarriak daudelako eta merkatuan kamera nahiko merkeak aurki daitezkeelako kalitate zoragarrian grabatzeko. Konpetentzia bortitz horrek nabarmentzeko beharra sortu du eta horri esker, edukiari askoz ere arreta handiagoa eskaintzen hasi zaio. Gidoiak askoz landuagoak daude eta konturatzen hasiak dira gakoetako bat hor egon litekeela, istorioetan. Hauxe da nire ustez pantaila txikiaren mundua tinko eta sendo manten dezakeena. Zorionez, prozesu hori ezinbestekotzat duten sortzaile ugari dago eta horri esker, azken urteetan mundu osoan harribitxi ugari ikusteko aukera izan dugu, Britainia Handitik edo herrialde nordikoetatik datozkigun telesail biribilak esaterako.   Nostalgia efektua? Baina hasieran aipaturiko telesailen itzuleran ez dut uste sormen-arrazoirik dagoenik. Modu batean edo bestean, trama horiek itxi egin zituzten. Kontuan izanik eduki aldetik ez direla "produktu berriak", azken urteetan loratzen ari den efektu bitxi bat aprobetxatu nahian ari direla uste dut: nostalgia. Bai, azken urteetan nostalgia modan dagoela nabarmena da. 1980ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok batez ere ohartuko gara hamarkada horretako zenbat film eta telesail bihurtu diren kultuzkoak. Ikaragarrizko lotura eta konexioa sortzen da txikitan bizi izan genituen istorioekin. Sekulako pasioa sentitzen dugu garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkigun bakoitzean.  Telebista kateetako arduradun eta ekoizle asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari dira. Telesail konkretu horrek atzean sortzen dituen zeharkako diru etekinak gako bihurtu daitezkeelako. X filesen itzulera iragarri zutenean, adibidez, asko aurreko denboraldien DVD bilduma erostera joan ziren, estreinatzen duten egunean fresko izateko. Malenkonia kontrolaezinaren menpe daudenak Star trek en kamisetak erosten hasi ziren. Ekoizpen hauen atzean sortzen den merchandising guztiak diru kantitate harrigarria mugitzen du. Argi dago gainera 80 eta 90eko hamarkadetan, telesail horien zale izan ginenok estreinaldi berriak gertutik jarraituko ditugula, hori bai, gillotina esku artean dugula eta gure eskaera maila oso altua izango dela kontuan izanik. Gizarte gaiak eta modak? Beste bi faktore garrantzitsu ere aipatu nahi nituzke: alde batetik, urte jakin horretan munduan gertatzen ari dena. Hau da, gizartean pil-pilean dauden gaiak aprobetxatuz, konexioa duten istorioak berpiztea, modu horretan ia doako marketin kanpainak lortuz. Politikarekin erlazionaturiko gai bat izan liteke, gatazka konkretu batekin edo dena delakoarekin. Estreinatu zen urtean modan ez zegoen gai batek gaur egun agian informatiboa irekitzen du. Eta batzuetan gaurkotasunarekin oso pegatuta dantzatu nahi izateak errealitatearekin gurutzatzea ekar lezake. Virginiako tiroketaren ondorioz Mr. Robot telesailaren denboraldiko azken kapitulua atzeratu zutenean adibidez, antzeko "eszena grafikoa" zela-eta. Eta bestetik aktore, zuzendari edo sortzaile bat modan dagoela aprobetxatzea. Hau da, antzinako istorioaren remake bat egin, baina garai hartako protagonista erabili beharrean gaur egun oso ezaguna den aktore bat hartuz. Horrela, izen horren atzetik dabilen zale mordoa irabaz dezakezu, audientzia datuak puztuz. Baita istorioaren kokalekua erabat aldatu ere, herrialde jakin horren testuinguruan hobeto funtziona dezan; Forbrydelsen (Danimarka) telesailetik, The Killing (AEB) sortu zuten adibidez. Bron/broen (Suedia/Danimarka) hartuz, The Bridge (AEB/Mexiko) eta The Tunnel (Frantzia/Ingalaterra). Berdin Hatufim (Israel) ekoizpena moldatuz Homeland (AEB) egin zutenean ere. Formula honekin, etorkizunik ez Ikaragarri gustatuko litzaiguke telesail baten biziraupena ziurtatuko lukeen faktorea  sentimentala izatea, edo behintzat artistikoa. Baina logikak dio, kontu komertziala besterik ez dela. The Simpsons , The Big Bang theory edo Modern Family telesailen iraupen luzea kalitate kontu batengatik dela uste duena oker dabil. Errentagarriak diren bitartean, hortxe jarraituko dute, bestela kanpora. Formula honekin jarraituz gero, telebistaren hirugarren urrezko aroa delakoa ez da existitu ere egingo, horren ordez, telebistaren lehen izotzezko aroa iritsiko da. Kanpoan, hotz handia egiten duela dakitenek soilik biziraungo dute. Oihanaren legea ezarriz, diru gosez hiltzear dauden lehoiak azalduko dira.  Ezabaezina ziruditen The Sopranos , The Wire , Lost eta Breaking bad bezalako telesailek utzitako arrastoa pixkanaka ezabatzen joango da. Horiei esker fikzio mota honekin zeuden aurreiritzi negatibo guztiak hankaz gora joan ziren eta telesailak beste modu batean ikusten hasi zen publiko espezializatua ere. Baina argudio artistikorik gabe, reboot , remake eta berpizketa hauen guztien atzean dagoen arrazoi bakarra nostalgiaren kontura aberastea bada, oso gaizki goaz. Ekoizpen horiek denek lortutakoa ezerezean geratu daiteke eta orain urte batzuk bezala, kalitate eskaseko eta exijentzia murritzeko produktu eta saioekin lotuko dugu berriro pantaila txikia. " Winter is coming ". Erne.
news
argia-2d03cae8c0c1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/francoise-david-emakumeen-mundu-martxaren-sortzaileetarikoa.html
"Emakumeak dira austeritateak gehien hunkiak"
Jenofa Berhokoirigoin
2016-01-31 00:00:00
"Emakumeak dira austeritateak gehien hunkiak" 1995ean Quebeceko emakumeen martxa egiteko ideia berari bururatu bazitzaion ere, mundura zabaltzeko xedeak izutu zuen hasiera batean. Lagunek konbentziturik, xedearen gauzapenari lotu zen Françoise David, 1994tik 2001era Quebeceko Emakumeen Federazioko buru izandakoa. Gaur egun, politikan dago buru-belarri, diputatu, grina feminista beti bezain azkar duela. Eskerrak anbiziotsu zarela... Diane Matte koordinatzaileari eta Manon Massé mobilizazioaren arduradunari zor diegu anitz. Ideiari hetsia ez izan arren, zailtasunak nituen antolakuntza irudikatzeko. Garaian ez zegoen talde feministetan mundu mailako harremanik! Quebeceko Emakumeen Federazioko kideak konbentziturik, ideiaren alde bozkatu genuen 1996ko biltzar nagusian. Garaian, federazioko lehendakaria nintzen. Ni ere konbentzitu ninduten eta lotu nintzen gauzapenaren sustapenari, gertatu beharra gertatuko zela pentsatuz.  Oinarriak nahiko erraz adostu zenituzten. 1998an elkartu ginen lehen aldikoz Montrealen, ehun bat herriko 150 bat emakume. Guk pobreziaren aurkako martxa izatea nahi genuen, baina ez zen denen gustukoa. Pobrezia eta bortizkeria guztien aurkako martxa izatea hobetsi genuen. Nazio Batuen Erakundera (NBE) eramanen genituen hogei aldarriak nahiko errazki adostu genituen.  2000. urtea, gauzapenaren urtea.  Sekulako lana izan zen. Hastapenean koordinatzaile bat enplegatu genuen, handik gutxira beste bi, eta apurka-apurka 30 pertsona ziren lanean! Afera alimalea bilakatu zen. Pisua ere zen noski, Quebec mailako antolakuntzan izateaz gain, Kanadakoan eta nazioartekoan ere baginelako. Kasik porrot egin zuen 1999ko abenduan. 300.000 dolar eskas genituela jakinarazi zidan koordinatzaileak. Sei aste gelditzen zitzaizkigun sosa atzemateko.  Nola lortu zenuten? Ezustean, Kanadako ministro batekin biltzea lortu nuen. Gobernu federalak ez zigun oraindik dirurik zuzendu, Quebecekoak aldiz milioi bat dolar zigun jada banaturik. Hor, Kanadaren aldia zen. Mirakuluz lortu genuen dirua eta zulorik gabe bukatu genuen martxa. New Yorken eman ziren azken urratsak. 10.000 emakume ginen bukaerako manifestazio horretan; gehienak Ipar Amerikakoak izan arren, kontinente guztietakoak baziren. NBEko idazkari nagusiaren ordezkoarekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Munduko Bankuarekin bildu ginen.  Zein mezu igorri zenieten ? Emakumeoz hitz egin genien, baita liberalismoaz ere. Feminista izateaz gain, altermundialista ere da gure mugimendua. Neoliberalismoa eta patriarkatua errotik lotuak dira, elkar elikatzen dute.  Gogor doan austeritatea ezinbesteko du neoliberalismoak.  Hor ere, emakumeak dira austeritateak gehien hunkiak. Quebecen adibidez, zerbitzu eta funtzio publikoetan lanean dabiltzanen %75 emakumeak dira. Ezin prezatuzko zerbitzuak ekartzen dabiltza eta horiei esker da jendartea oraino zutik. Murrizketekin emakume horiez trufatzen da gobernua. Bere betebeharrak utziesten ditu estatuak baina, ezinbestean, nork betetzen ditu zerbitzu horiek? Neurri handian emakumeok, izan familian, izan auzotasunean, izan elkarteetan...  Indartsu dabil Emakumeen Mundu Martxa. Lehen EMMetan gatazkak ziren Ipar eta Hegoko emakumeen artean, kondeszendentziaz tratatzen genituela zioten. Orain elkar entzute handiagoa dela uste dut. Haien errealitateaz aski hitz egin ez izana deitoratu ziguten antolakuntzan buru-belarri aritutako lesbiana batzuek. Arrazoia zuten. Autoktonoekin ere gabiltza lanean. Aniztasuna ordezkatzeko ahala onduz joan da eta argi da EMMren emaitza dela.  Quebec Solidaire alderdi soberanistako diputatu zara.   Proiektu sozial batean oinarrituriko prozesu independentista proposatzen gabiltza. Proiektu feminista, ekologista eta aurrerakoia dugu. Bi erreferendum bizitu genituen, bigarrena kasik irabazi genuen. Alta, hogei urte geroago, dena dugu berriz egiteko. %35-%38 inguru dira burujabetzaren alde, ez da nahikoa. Gazteei ez zaie soilik banderaz, NBEko aulkiaz edota gobernu federal gaiztoaz hitz egin behar; proiektu sozial eder bat proposatu behar zaie.  Prozesu independentista nolakoa lirateke? Gobernura iritsiz gero biltzar konstituziogile bat osatuko genuke, herritarrek hobetsia eta biztanleriaren aniztasuna ordezkatuko lukeena. Paraleloki, Quebecen gero politikoaz bozketa antolatuko genuke. Urraspide bikoitza dugu beraz: gero politikoaz gogoeta eta une berean, konstituzioaren idaztea. Testu horretan lirateke gure baloreak finkaturik, feminismoa barne. Nola segurtatu feminismoa ez dela bigarren mailara pasako? Proiektu independentista proposatzen duen alderdia feminista izatea da menturazko independentzia feminismoan oinarritua izatearen segurtapen bakarra. Argiki diogu feministak garela; gure estatutuetan finkaturik dugu parekotasuna. Bazeneki zenbat aldiz hitz egiten dudan emakumeez nire hitz-hartzeetan! Baina ez naiz betirako hor... Quebec Solidairek mezu feminista hedatzen segituko duen bermea ba ote dut? Galdera luzatzen dizut... Ez dugu inoiz bermerik. Baina ezagutzen ditudan feminista horiek guztiek Quebec Solidairen segituko duteino feminista izaten segituko du alderdiak. Bestalde, emakumeen mugimenduak Quebec Solidaire zaindu behar duela uste dut. Aliatu zenbait baldin baditugu ere, ez da egia gizonak direla horretaz okupatuko.
news
argia-793a48fdbbfd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2493/beti-euskaraz-egingo-lizukeen-lankidea-egunero-alboan-bazenu-zuk-zer-egingo-zenuke.html
Beti euskaraz egingo lizukeen lankidea egunero alboan bazenu zuk zer egingo zenuke?
Onintza Irureta Azkune
2016-01-31 00:00:00
Beti euskaraz egingo lizukeen lankidea egunero alboan bazenu zuk zer egingo zenuke? Fagor Arrasateko (Markina) eta JMAko (Arrasate) langileei esan zieten ea euskararen erabilera areagotzeko Eusle metodoa probatu nahi zuten. Eusleak, beti euskaraz egingo zuten langileak izango ziren, gainerakoentzat ez zen derrigorra izango euskaraz aritzea. Bi hilabeteko esku-hartzeek emaitza onak izan dituzte. Nicolas Unanue Bizkaiko Markinako Fagor Arrasate enpresan automatismo saileko langilea da eta eusle lanetarako aukeratu zuten. Bi hilabetez saileko gainerako langile guztiei euskaraz egitea zen bere lana. Pozik dago Eusle metodoan parte hartu izanagatik: "Sistema oso erraza da, ez dauka sofistikaziorik. Askotan hitz larregi egiten dugu eta egin ezer ere ez. Dinamika polita eta motza da. Pare bat hilabetetan aukera ematen dizu jakiteko nola zabiltzan. Gure artean giro ona sortu zen, 'kale egiten baduzu hamaiketakoa ekarri behar duzu', horrelako tonuan ibili gara". Dena ez da ordea erraz-erraza: "Hitz tekniko asko erabiltzen ditugu eta berbetan hasten zara eta 'ostras! aldatzen ari gara', eta berriro euskarara itzuli behar dugu. Zaila egiten da batzuetan, baina ohitu egin behar duzu, besterik gabe". Automatismo saila, Eusle metodoan parte hartu izanaren aitzakian, bazkaria egitekotan da; gustuko esperientzia izan den seinale. Josune Urbieta Emuneko aholkularia izan dute laguntzaile. Haren ustez, desiratzen zeuden horrelako esperientzia batean parte hartzeko. Enpresan euskarari dagozkion helburuak gainbegiratu eta erdaraz egiteko joera areagotzen zela konturatzen ziren, batez ere gai teknikoez ari zirenean. 15 langile dira automatismo sailean, denak dira euskaldunak, salbu eta hitz egin ez baina ondo ulertzen duen langilea. Lehenengo hilabetean hiru eusle izan zituzten eta bigarren hilabetean beste hiru. Astero bi galdera egiten zizkieten parte hartu zuten langileei: Eusleak araua betetzen al du, alegia, beti euskaraz egiten al du? Eta jarraituko al dugu esperientziarekin? Langileen arteko euskararen erabileraren emaitzak ondokoak izan ziren: Eusle metodoan parte hartu aurretik erabilera %71,5ekoa zen. Bi hilabeteko esperientziaren ondoren %83ra igo zen eta hiru hilabeteko atsedena eta gero %80. 2014ko saioaren balorazio ona egin, eta 2015eko irailetik bigarren ekinaldian ari dira, oraingoan bost hilabeteko aldian. Aurki bukatuko dute beraz. JMAn eszeptizismotik ilusiora Oihana Garcia Elhuyarreko aholkularia izan zen laguntzaile JMA enpresan Arrasaten. Giltzak egiten ditu enpresak eta Garcia berak dio euskararen erabilera areagotzeko giltza bila zebiltzala. 15 urte euskara plana abiatu zutela. Langileen %10 euskaraz ez dakitenak, erabilera %40-45; euskaldunen artean %63. Eusle metodoa erabiltzeko aukerari baietz esan zioten, baina zalantza asko zituzten, beste hainbat ahalegin ere egin baitzuten eta emaitzak ez ziren beti nahi bestekoak. Bi hilabeteko saiakera egiten hasi eta, "emaitzak hasi ziren iristen, eta emaitzak iritsi ahala giroa berotzen hasi zen. Eszeptizismotik ilusiora pasa ginen". Bi hilabetekoaren ordez hamar hilabetekoa egin zuten eta batek izan ezik beste guztiek txandaka eusle funtzioa bete zuten. Erabileraren eboluzioa ondokoa da: 2013ko otsailean %74, maiatzean %85, uztailean %88, eta abenduan %87. Esku-hartzea bukatu eta gero, 2015eko azaroan euskararen erabilera %86koa zen. Langileen artean bakarra izan da eusle lanak egin ez dituena, ez zuen nahi izan bere ustez euskara maila apalegia duelako. Oihana Garciaren ustez, ez zuen eusle lana hartu beregain, baina praktikan berak eutsi dio euskarari. Eusle metodoaren aurreko urteetan euskararako jauzia eman ez bazuen ere, oraingoan aldaketa eman du langile horrek. Bera Jesus Santa Cristina kalitate saileko zuzendaria da eta berari galdetu diogu Eusle esku-hartzeaz: "Pozik nago. Nire ama hizkuntza ez da euskara, ez dut hainbeste erabiltzen egunerokoan eta oso esperientzia positiboa izan da. Gero eta gehiago egiten da euskaraz kalitate sailean eta bulego teknikoan, eta proiektu hau bultzada izan da. Dena ez dut euskaraz egiten, niretzako zaila da, baina apurka-apurka banoa. Proiektua bukatu da eta euskaraz egiteko ohitura batzuk hartu ditugu". Hiztegi teknikoa euskaraz erabiltzea zaila dela dio, baina ohiturak aldatzea zailagoa: "Lan kontuak direla-eta berotzen bazara, jenioa ateratzen zaizu, eta erdarara jotzen duzu, nik behintzat bai". Euskaraz erraz moldatzen diren langileek berarekin nolako jarrera izan duten galdetu diogu, ea euskaraz egiten zioten: "Laguntza piloa izan dut, pazientzia izan dute, gauzak errepikatu dizkidate, hutsak zuzendu ere bai. Dena eskura jarri didate. Aukera handia izan da niretzat". Oihana Garcia aholkulariak, esku-hartzea bukatuta, langileek egindako balorazioetatik hainbat azpimarratu ditu. Langile batek zioen denekin euskaraz egiten zuela uste zuela, eta konturatu zen ez zela hala. Txipa aldatu du eta gehiago ohartzen da norekin eta non euskaraz ala gaztelaniaz egiten duen. Eusle lanak egin zituen batek aipatu zuen laneko gauzez euskaraz hitz egitea zaila egiten zitzaiola, ikasketak gaztelaniaz eginda zituelako eta lanean ere gaztelaniaz egin zuelako ordura arte. Beste batek aldaketarik handiena lehen euskaraz aritzen ez zen jendearekin euskaraz egitea izan dela adierazi du. Garciaren iritziz, aldaketarik handiena euskara maila apalena zuen Jesus Santa Cristinarena izan zen, euskaraz ez hitz egitetik praktikan eusle lanak betetzera igaro zelako.
news
argia-3e4c9788d832
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/ana-malagon-idazlea.html
"Errazago identifikatzen gara miseriarekin istorio alai-alaiekin baino"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-05-21 00:00:00
"Errazago identifikatzen gara miseriarekin istorio alai-alaiekin baino" Ana Malagonek bi profil ditu Twitterren, baina, beraren esanetan, ez dira bi pertsona ezberdin, hizkuntza dute irizpide. Batean, ingelesez eta gaztelaniaz idazten du, euskaraz bestean: "Gauza globaltzat jotzen dugu internet, baina badirudi euskal txiosfera eta Madrilgoa aparteko mundutan bizi direla". Gaiarekin ere badu zerikusirik: oro har, erdaretan gehiago idazten du lanaz; literatura, ordea, euskaraz egiten du. Ana Malagonen alderdi bi horiei (eta beste hainbati) erreparatu diegu elkarrizketa honetan. Gelditu zaitezte gurekin liburuaren kontra-azaleko biografiak dio ikus-entzunezko ikasketak egin zenituela eta proiektu eta zerbitzu digitalak diseinatzea duzula ogibide. Noiz eta nola hasi zinen horretan? Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, berez, gidoilaria izan nahi nuelako. Madrilera joan nintzen gidoigintza ikastera, eta gero Donostiara bueltatu nintzenean saiatu nintzen mundu horretan sartzen, baina ez zuen funtzionatu, eta publizitate-agentzia batean hasi nintzen erredaktore. Blogen kontua sortu zenean, katxarreatzen hasi nintzen, gustuko ditudalako ordenagailuak-eta. Lanean, eskatu nuen off line publizitatetik sareko publizitatera pasatzeko, eta han ezagutu nuen nire lankide eta bazkide den Goio Telletxea. Hain zuzen ere horrexeri buruz galdetu nahi nizun orain. 2008an sortu zenuten La Personnalité, proiektu eta zerbitzu digitalak diseinatzen dituen etxea. Zerk hauspotu zintuzten? Ikusi genuen aplikazioak-eta halakoak sortzen ari zirela eta mundu hori esploratu nahi genuen. Bazegoen merkatua eta bazegoen beharra diseinuaren aldetik. Nahi genituen egin interesatzen zitzaizkigun proiektuak, ez webgune korporatiboak, baizik eta zerbaitetarako balio dutenak edo pertsonei laguntzen dietenak. Jendearen esperientziak hobetu nahi genituen diseinuaren bidez. Zer egiten duzue zehazki? Programa bat erabiltzen duzunean, posta elektronikoa edo Twitter bera, norbaitek pentsatu behar ditu horiek denak. Tradizionalki, ingeniarien eta programatzaileen mundua izan da, baina orain geroz eta balio handiagoa dauka erabiltzaileen esperientziak. Adibidez, gure apustua izan da industriako softwareak jorratzea, lantegietako operarioek-eta erabiltzen dituztenak, zeren horiek diseinu bat behar dute, langileen bizitza hobea izan dadin eta gauzak azkarrago eta modu erosoan egin daitezen. Demagun aplikazio batek balio duela makina bat konfiguratzeko. Bada guk pentsatzen eta diseinatzen dugu nola izan daitekeen aplikazio hori ahalik eta sinpleena eta erabilgarriena. Hauxe da zuen lema: "Proiektu eta zerbitzu digitalak diseinatzen ditugu, kariño eta printzipioekin". Printzipio falta handia al dago alor profesional horretan? Batzuek oso modu erreaktiboan egiten dute lan, irizpiderik eta norabiderik gabe: hau eskatu didate, ba hau egingo dut. Adabakiak ipiniz bezala. Guk lema horrekin oro har adierazi nahi dugu diseinuaren printzipio batzuk dauzkagula, eta ez dugula, adibidez, botoi bat besterik gabe ipintzen, eskura datorkigulako soilik. Zeintzuk dira zuen irizpideak? Norantza bat behar duzu eta ulertu behar duzu zer ari zaren diseinatzen. Horretarako ikasi behar izaten dugu, adibidez, nola konfiguratzen den tren bat edo nola funtzionatzen duen biltegi batek, eta lan exigentea da, baina guk ezin dugu diseinatu ulertzen ez dugun zerbait. Batzuek hala egiten dute, jakina. Diseinua ez da gauzak polit jartzea, ez da txapa eta pintura, diseinua da forma eta funtzioa. Diseinua ez da ingeniariek pentsatu dutenari kolorea jartzea eta apaintzea; pentsamenduaren prozesu guztian egon behar duzu, bestela ez dakizu zertan ari zaren. Eta maitasuna? Maitasuna da dena ematen dugulako. Xehetasunak zaintzea oso inportantea da, azken batean, xehetasunetan nabaritzen da aldea. Ikusten duzu zerbait hasiera batean oso itxura ona daukana baina gero, aix! Halakok edo halakok ez du funtzionatzen. Detaile guztiak zaindu ezean, nonbait aterako dira itoginak. Argazkia: Dani Blanco. Bezeroekin tratuan ere nabaritzen al da maitasun hori? Bai, zintzotasunean. Bezeroei ezin diezu esan zerbaitekin ados zaudela benetan ados ez bazaude. Hori da beste printzipio bat. Gero, ondo azaldu behar diezu zergatik ez zauden ados, noski, eta bezeroek estimatzen dute. Pertsona jakin batzuek jendea kontratatzen dute amen esan diezaien, baina gehienek egia esan diezaietela nahi dute. Ez duzu dirua gastatzen jada badakizun hori inork baieztatzeko, baizik eta zure ikuspegia osatuko duen begirada lortzeko. Ana Malagon idazleaz hitz egin nahi nuke orain. Orain dela hiru urte argitaratu zenuen Lasai, ez da ezer gertatzen mikro-ipuin liburua eta orain dela hilabete eskas, berriz, Gelditu zaitezte gurekin ipuin-liburua. Ez dakit esan ote dizuten jada, baina, bi izenburuak segidan ipinita, esaldiak zentzua dauka: Lasai, ez da ezer gertatzen; gelditu zaitezte gurekin . Egia da. Oso apelatiboak dira biak, eta antzekoak izan daitezke. Ez dut nahita egin, baina biak dira asko entzuten ditugun esaldiak: lehenengoa guk esaten dugu asko, nik bai behintzat, eta bestea askotan entzun dugu telebistan. Akaso horixe da: esaldi oso-oso ohiko bat hartu eta izenburu gisa jarri. Zer gertatu zen Lasai, ez da ezer gertatzen argitaratu zenean? Aspalditik idatzi nahi nuen liburu bat, eta hainbat arrazoirengatik ez nuen lehenago egin. Behin egiten duzunean lasaitua hartzen duzu, eta listo. Egia esan, ez zen ezer gertatu. Jendeak zoriontzen zaitu liburua idazteagatik eta ematen du kristorena egin duzula, baina gero oso gauza xumea da, ez du inoren bizitza aldatuko, ezta zurea ere. Liburuak idazteari jartzen diogu halako epika bat edo erromantizismo puntu bat, eta ez da hala. Tokatu zitzaidan pare bat irakurle taldera joatea, elkarrizketa batzuk egitea, nire burua azaldu behar izatea eta gauza batzuen inguruan teorizatu behar izatea horien atzean teoriarik egon ez arren, baina nire bizitza dira nire lana eta nire ingurua, eta horiek ez ziren aldatu. Beste gauza batzuk ekarri zizkidan, noski, batez ere, ikusi nuen kapaz nintzela liburu bat idazteko, baina egunerokoan ez zuen ezer jarri hankaz gora. Nire bizitza ez da literatura, nire bizitza beste gauza batzuk dira. Nola hasten zara istorio bat idazten? Ez naiz barneak husteko idazten duen horietakoa. Ni idazteak behartzen nau pentsatzera, nire buruari galdetzen diot ea zer pentsatzen dudan halakori edo halakori buruz, eta horrela hasten naiz idazten. Gero oso modu ezberdinean islatzen da, edo pentsatzen dudanaren aurkakoa ateratzen da, baina hain azkar bizi garenez eta pentsatzeko hain denbora gutxi daukagunez, idaztea bada modu bat tarte bat erreserbatzeko honi edo beste horri buruz pentsatzeko. Gero, hainbat iturri daude, adibidez, irratian entzun dudan istorio bat, edo irakurri dudan zerbait… Gai bati buruz pentsatzen hastea da abiapuntua, ados, baina nola bilakatzen da hausnarketa ipuin? Egoerak pentsatzen ditut, ea zer egingo lukeen ni ez den norbaitek edo halako ezaugarri hauek dituen norbaitek egoera horretan. Irakurle-talde batean esan omen zizuten oso tristeak zirela zure mikro-ipuinak eta hurrengoan egiteko mesedez istorio alaiagoak. Ez duzu hala egin. Sarri aipatu didate gai hau, literatura "tristearena"; zergatik ematen du bazka gehiago? Ez daukat erantzunik, tristeak diren istorioek ez daukate balio gehiago berez. Kontua da, akaso, nire ikuspegia nahiko pesimista dela, eta nahiz eta ipuinetan nire iritzia ez agertu, badagoela egoerei begiratzeko modu jakin bat. Baina mundua nahiko kaka da, ezta? Nire inguruan, adibidez, ez dago istorio alai asko, nahiz eta istorio bereziki tristeak ere ez izan. Benetan pentsarazten edo mugitzen zaituzten istorio gehienak ez dira alaiak izaten… Erakargarriagoa da miseria. Gehiago identifikatzen gara miseriarekin istorio super-txatxiekin baino. Oso mesfidatiak gara, eta gipuzkoarrak are gehiago. Bigarren liburu honetan hiltzaileago zaudela esango nuke: 14 ipuinetik 5ean hiltzen da jendea, eta denetatik dago: istripuak, suizidioak, erailketak, heriotza "naturalak"… Niretzat, bizitzaren parte inportanteena da heriotza. Gertatzen zaigun gauzarik esanguratsuena da. Zahartzen ari naizenez, gainera, geroz eta garrantzi handiagoa dauka. Egunerokoan ez gara horretaz konturatzen, baina hortxe dago heriotza, edo heriotza ez, baizik eta hilkortasuna, hilkorrak garela eta une hori iritsiko dela, eta nola markatzen gaituen horrek gure arteko harremanetan eta tira-biretan. Niretzat gai garrantzitsua da. Sarri saihesten dugu, eta gainera, geroz eta gehiago jo da heriotza ezkutatzera. Gure aurrekoek harreman naturalagoa zeukaten horrekin, guk ez hainbeste: guk tanatorioak ditugu lehen etxean genituen hildakoak gurean ez egoteko. Heriotzatik geroz eta gehiago aldentzen saiatzen ari gara, salbatuko garelakoan, baina ez gara salbatuko, oraingoz ez behintzat. Argazkia: Dani Blanco. Leialtasunari buruz idatzi nahi omen zenuen eta amaitu duzu zaintzaz idazten. Zergatik nahi zenuen landu leialtasuna? Gaur egungo auzietako bat hori da, fideltasun falta. Gauzak geroz eta aldakorragoak dira, geroz eta arazo handiagoak ditugu garenari edo besteari eusteko, baina badaukagu barne-gatazka horrekin: alde batetik libre izan nahi dugu, baina beste alde batetik beldurra diogu bakardadeari. Fidel izan nahi dugu gure buruarekin, baina kontraesanak ditugu, eta aldi berean nahi ditugu kontraesan horiek libreki eduki; aukera guztiak nahi ditugu zabalik. Gai horiek neuzkan buruan bueltaka eta jorratu nahi nituen hainbat modutara. Zer lotura dago zaintzaren eta leialtasunaren artean? Ez nuke esango sinonimoak direnik, baina fideltasunak badauka zaintzaren parte handi bat. Bizitzan hainbat fase pasatzen ditugu: lehenengo zaindu egiten gaituzte, gero zaintza hori hautsi nahi dugu, eta lagunak zaindu, gero gure burua zaindu nahi dugu, gero bikoteak daude edo ez daude… Nik uste dut fideltasuna mantentzeko edo hausteko, pertsona edo ideia edo gu garen hori zaintzen dugula, edo zaintzeari uzten. Azken batean, fideltasuna ureztatu egin behar da eta zaintzaren bidez ureztatzen dugu besteak beste. Gelditu zaitezte gurekin liburuko pertsonaiak, askotan, egin behar edo egin nahi luketenaren ataritan geratzen dira. Bidegurutze batean daude, eta gauzak aldatu nahi lituzkete, baina ez dute egiten. Presio-eltze batean daude, eta ematen du eztanda egingo dutela, baina azkenean ez dute egiten. Oso gutxitan lehertzen gara. Badaude pertsona konbustibleak, baina denok pentsatu dugu noizean behin pikutara bidali nahi genukeela dena, eta azkenean ez dugu egin eta geunden tokian gelditu gara fideltasunaren ondorioz. Beldurra diogu aldaketari. Eta fideltasunak badu zerikusirik beldur horrekin. Zenbatek ez du bikotekidea edo lana edo gauza asko uzten etorriko denaren beldurragatik? Etorriko dena okerragoa izango al da, ala hobea? Gure buruari galdetzen diogu hori, baina ez daukagu erantzuna entzuteko behar den borondatea. Presio-eltzeak beti eutsi diezaioke gehiago? Hori pentsatzen dugu, bai. Gero, presioa askatzen da zirrikitu batetik, ez da eztanda handi bat baina bada ihesbide bat gutxienez, eta horrela jarraitzen dugu aurrera. Eztanda handirik egin duenik, jende gutxi ezagutzen dut, nik neuk ere ez dut egin.
news
argia-0dfae672808a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/garbine-aranburu.html
"Sindikatuak eraginkorrak ez garen ideia nagusitzea, sekulako garaipena litzateke kapitalismoarentzat"
Urko Apaolaza Avila
2017-05-21 00:00:00
"Sindikatuak eraginkorrak ez garen ideia nagusitzea, sekulako garaipena litzateke kapitalismoarentzat" LABeko Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkaria da Garbiñe Aranburu (Legorretan sortu zen 1973an, Zaldibian bizi da egun). 2004tik dabil sindikatuko Batzorde Exekutiboan eta zuzendaritzak idazkari nagusi izateko proposatu du orain, Ainhoa Etxaideri lekukoa hartuta. Maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen LABek egingo duen IX. Biltzar Nagusian hala hautatuko dute, dena ondo bidean. "Keinu bat egin nahi nioke han egon ezin izango duen Rafa Diezi", esan digu elkarrizketa amaieran. Ainhoa Etxaideren hitzetan, idazkari nagusi izatea ez da "opari bat". Oso kontziente naiz, erantzukizun handia da. Bertigo apur bat ematen du baina era berean ilusionatuta nago garai berria dugulako aurretik, hain zuzen ere lelo hori jarri diogu kongresuari. Sindikatu "berri" bat uzten duela zioen baita ere Etxaidek. Zertan aldatu da LAB? Lan harremanak asko aldatu dira azken urteetan, eta eraginkortasun krisi batean egotetik sindikalgintza berriro ere erdigunean jartzeko urratsak emateko Birpentsatzen prozesua jarri genuen abian. Zer ondorio atera zenuten? Sindikalgintzak erronka berriak ditu: inoiz baino beharrezkoagoa da, baina inoiz baino bitarteko gutxiago ditu. Negoziazio kolektiborako eskubidea erabat deuseztatuta geratu da eta langileak ahulduta. Langile klasea berrosatu behar da, baina horretarako ezinbestekoa da ekintza sindikala berritzea, soldatapekoei ez ezik kolektibo guztiei erantzutea. Zuzendaritzaren ponentziez gain ez da besterik aurkeztu. Sindikatu barruko aniztasun faltaren seinale ote? Sindikatua ondo eta kohesionaturik dagoen seinale da. Bi ponentziek emendakin kopuru handia izan dute eta hor ikusten da aniztasuna. Oso prozesu parte-hartzailea izan da; aplikazio bat ere sortu dugu horretarako eta egia esan espero genuena baina hobe joan da. Horretan ere gauzak aldatu dira: teknologia berrien erabilera antolakuntza eta komunikazioaren eremuan. Garbi dugu egokitu behar dugula langile eta afiliatuekin feedback hori lortzeko. Baina langileekin harreman zuzena izateak ere garrantzia dauka eta aukera handia daukagu lantegian haiekin aurrez aurre egoteko; lanketa ideologiko sakonagoa egin dezakegu elkarrekin. Ekintza sindikalaren garrantzia aipatu duzu; "ekintza sozialerako egitura" sortuko duzue horretarako... zer da? Sindikatu guztiak sortu izan dira gizonezko lan munduaren errealitate bati erantzuteko. Gaur egun ordea lana bere osotasunean aitortzen dugu: lan erreproduktiboa, beste kolektiboak, eredu alternatiboak... Federazioen bidez zuzendaritzatik lantokietaraino egituratuta gaude, baina arlo sozialean ez dugu herrietara eramango gaituen egiturarik. Honekin aukera izango dugu beste aliantza batzuk sustatzeko. Hor dugu adibidez Karta Soziala herrietara eramateko erronka, askotan abstraktuan geratzen baita. Nolanahi ere, langile prekarioak euren kabuz ari dira antolatzen, dela ekonomia eraldatzailean, dela Las Kellys moduko mugimenduetan. Zuek ere antzeman duzue sindikatuekiko "desafekzioa", nola eman buelta horri? Prekarizatze prozesu orokor bat bizi dugu lan-erreformen bidez, eta aldi berean negoziazio kolektiboa ukatzen digute. Horren erantzukizuna gure bizkar utzi nahi dute gainera, sindikalgintzaren funtzioa auzitan jarriaz: eraginkorrak ez garela dioen ideia hori nagusituz gero sekulako garaipena litzateke kapitalismoarentzat. Prekaritatea ez dugu guk sortu, baina ezin gara konformismoan erori; horregatik errealitate berri horiek guztiak aliatu gisa ikusten ditugu. "Berdina egiten jarraitzen badugu, emaitza berdina izango da", zenioen Durangoko ekitaldi batean. Negoziazio kolektiboarekin nabarmen ikusten da: negoziazioa enpresetara eraman da eta milaka langile kanpoan geratu dira, geroz eta jende gutxiagok duelako enpresetan negoziatzeko aukera. Enpresetako negoziazio ahalik eta gehien irabazi behar ditugu noski, baina ekintza sindikala beste kolektiboetara ere zabaldu behar dugu. Bestela, eraginkortasun ezaren zama etorriko zaigu bizkar gainera. Eta nola egiten da hori? Aldarrikapen batzuk garbi ditugu: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, aukera berdintasuna... Hori guztia agenda politikoan kokatzeko borrokatu behar dugu, interpelazio politikoan sakondu. Baina interpelazioaz gain, politika publikoetan eragiteko markoa ere behar dugu, zeren eta Lan Harremanen Kontseilua edo elkarrizketa sozialeko mahaia patronalaren neurrira eginda daude, ez dute balio benetako elkarrizketa baterako. "Jaurlaritza Confebask ari da babesten, zergatik? EAJk PPrekin Espainiako aurrekontuez egin berri duen akordioa bide beretik doa: proiektu ekonomiko bera dutelako" Alternatibak bilatze aldera, ELArekin balizko aliantza giltzarrietako bat izan daiteke agian? Azken urteetan nahiko urrun izan gara, baina balio handia ematen diogu aukera horri. Kapitalarekin dugun borrokan eta burujabetza prozesuan aurrera egiteko ELA aliatu garrantzitsua da. Negoziazio kolektiboan diferentziak izan dituzue orain arte... Adostasunak bilatzen saiatu behar dugu esparru politikoan, sozialean eta sindikalean. Nekez pentsa liteke burujabetza prozesua hauspotuko dugunik negoziazio kolektiboan elkar joka bagabiltza, nahiz eta esparru autonomoak izan. ELAk LABen izaera "instrumentala" kritikatu izan du. Zer harreman izan beharko luke zuen sindikatuak ezker abertzaleko beste erakunde politikoekin? LABek autonomia osoa dauka. Batzuetan badirudi sakoneko eztabaidan ez sartzeko jartzen duela ELAk hori mahai gainean. EH Bilduk hartutako erabaki batzuk kritikatu izan ditugu, baina ezin dira behin eta berriz alderdi politiko guztiak parekatu, eta ez dira gauza bera EAEko gobernua edo Nafarroakoa. Sindikatua ezin da mugatu kritikara edo exijitzera: guk ere inplikatu eta busti behar dugu. Eraldaketa soziala bultzatzen dugun neurrian, badagokigu proposamenak aurkeztea eta proiektu politiko horrekin bat egiten dutenen arteko aliantzak sustatzea. Burujabetza prozesuak aldebakarrekoa izan behar duela diozue, eta horretarako argi eduki behar dela estrategia sozioekonomiko bat. Ezker esparru batzuetatik burujabetzaren eztabaida erlatibizatzeko joera dago: "Zertarako estatua eduki kapitalaren diktadurapean bizi bagara? Begira Grezia...". Gure ustez estatuak ematen dizkigu bitarteko gehien egungo eredu neoliberalaren alternatiba eraikitzeko. Baina hori izan bitartean egunerokoan borrokatu behar dugu; estrategia sozioekonomikoak burujabetza prozesuaren ardatza izan behar du. Baina desblokeatu daiteke negoziazio kolektiboa aldebakartasunetik? Horretan saiatzen ari gara, beste modu bateko ekintza sindikalarekin. Desobedientziari eta konfrontazio demokratikoari garrantzia gehiago eman beharko genioke. Confebaskekin akordio intersektoriala egin zenuten sindikatuek. Zertan da? Marko propioa blindatzeko balio izan zuen, baina hitzarmenak ez dira desblokeatu, aurreikusi genuen bezala Confebask ez dagoelako klabe horietan. Bitartean, CCOO eta UGT estatuan hitzarmenak sinatzen ari dira eta hemen negoziazio kolektiboaren "salbatzaile" bezala agertzen dira. Sindikatu horiek, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak gutxiengoan hitzarmenak sinatzeko akordioa "antidemokratikotzat" jo duzue. Larria da gertatzen ari dena. Confebaskek bere ordezkaritza patronala –nahiz eta inoiz neurtua ez izan– baliatzen du negoziazio kolektiboa blokeatzeko; berak eskatu zuen ELA eta LAB sindikatuen erregistrotik kanpo uztea; eta orain gutxiengo sindikalari kobertura ematen dio gure aurka egiteko. Jaurlaritza hori ari da babesten, zergatik? EAJk PPrekin [Espainiako aurrekontuez] egin berri duen akordioa bide beretik doa: Confebasken proiektu ekonomiko bera duelako. CCOO eta UGT estrategia horren txotxongiloak dira. "ELArekin adostasunak bilatzen saiatu behar dugu esparru politikoan, sozialean eta sindikalean. Nekez pentsa liteke burujabetza prozesua hauspotuko dugunik negoziazio kolektiboan elkar joka bagabiltza". LAB ere haiekin eseri zen 2013an, Espainiako lan-erreformak zirela-eta. LABen lehentasunezko borroka izan da bertako negoziazio eremua blindatzea, horregatik saiatu ginen akordio interprofesionala erdiesten. CCOO eta UGT ez ditugu baztertzen, gehiengo sindikalak ematen badu eta edukiak baldin badaude… 2013an ez zen posible izan, Confebaskek berak ezetz esan ziolako Urkulluri. Baina oraingoak ez du zerikusirik, ELA eta LABen kontra beste urrats bat eman nahi izan da. Estatalizazioaz, Oiartzungo Carrefourreko langileen kasua dugu adibide: hitzarmena Madrilen negoziatzearen kontra azaldu dira, baina "elefante" bat mugitzea bezala dela diote. Akordio orokorrik ez eta enpresan negoziatzeko indarrik gabe, nola egin aurre joera horri? Oiartzungo Carrefourreko langileek hartutako bidea txalogarria da. Tokian tokiko borrokak ezinbestekoak dira, batzuetan zailtasunak egongo dira, baina horien bidez ari gara akordio orokor baterako oinarriak jartzen. Nolanahi ere, uste dut Oiartzunen emaitzak izango dituztela, borrokatzeak beti ematen ditu emaitzak. Bilgune Feministaren azken topaketetan, Saioa Iraolak esan zuen trantsizio feministarako "lidergotza kolektiboak" behar ditugula. LABek zuzendaritza parekidea izango du, eta nolako lidergotza? Hala nahi dugu, kolektiboa izatea, ez hain zentratua idazkari nagusiaren figuran. Datorren ikastarora begira ari gara pentsatzen bozeramailetza bikoitza izatea. Hala ere, zuzendaritza parekidea da, baina bistan da horrek ez duela bermatzen praktika feministan urratsak ematea. Harago joateko momentua da eta barne mailan erabakiak hartzen ari gara sindikatu guztian nabaritu dadin.
news
argia-810e24781a2b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/uribasterra.html
Baserria gazteen eszenatoki
Garazi Zabaleta
2017-05-21 00:00:00
Baserria gazteen eszenatoki "Baserri bat zegoen Arrietan hutsik, alokairu merke-merkean. Gazte talde bat ikustera joan ginen, eta lehengusuak eta biok geratzea erabaki genuen". Markel Enzunza mintzo da, Uribasterra baserriko kidea. Profil anitzeko sei gazte batu dira baserrian elkarrekin bizitzen jartzeko eta bestelako bizi ereduen alde egiteko. Burujabetzara pausoak ematen "Elikaduran eta bizi ereduan ahalik burujabeen izatea da gure helburua", kontatu du. Uribasterrako kideen artean bera zen baserrian lehenagotik gehien aritua. Beste lagunek arrazoi desberdinak medio hartu zuten proiektura batzeko erabakia: herrian bertan bizi nahi zuelako batek, hiriko bizimodu azkarraz nazkatuta lasaitasun bila besteak, eta beren lan/jarduerak aurrera ateratzeko toki aproposa zelako beste batzuek. Baserriko lanak aurrera eramateko txandaka antolatzen dira: otorduak prestatzea, animaliak zaintzea, ortuko lanak egitea, arropa garbitzea eta harrikoa egitea, lan guztiak denen artean banatzen dituzte. 1.000 metro koadro inguruko baratzea lantzen dute: "Ekoizten dugun guztia etxerako da". Elikaduran burujabe izatera iristen direnean erabakiko omen dute beren produktuak zabaldu edo ez. Lehen helburua euren beharrizanak asetzea da. Baserriaz harago, herri eragile Baserriko ganbaran entsegu lokala sortu dute. Grabaketa estudioa ere badu guneak, eta herriko edozein musikarirentzat zabalik dago. Eta Uribasterra Irratia ere sortu dute baserrian: hiru irratsaio ditu momentuz irratiak, Musika baratza musika alternatibo saioa; Azoka bizian , Arrietako hileroko azokaren jarraipena zuzenean egiten duen saioa; eta Baserri bazterrean , nekazaritza eta abeltzaintzari buruzkoa. Internet bidez emititzen dute oraingoz (Faceebookeko Uribasterraren orrialdean eta blogean entzungai). Baserri proiektua da Uribasterra, baina "herri eragile izatea ere bada ideia". Kontzertuak antolatu izan dituzte, eta ba omen da baserriari gaztetxe deitzen dionik. Baserriei ez ezik, herri txikiei ere bizia ematea bada lorpena. Eta ziurrenik, Uribasterraren kasuan bezala, biek ere badute loturarik.
news
argia-0bd7c0084ca8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/baikorrak-izan-behar-dugu.html
Baikorrak izan behar dugu?
June Fern�ndez
2017-05-21 00:00:00
Baikorrak izan behar dugu? Kontatuko dizuedana ez diot inori esan sekula: "Alaba erditzen ari nintzenean, medikuak nire eskua hartu eta bere hankartera hurbildu zuen. Zakila tente zeukan". Zirkuluan eserita gauden hogei bat emakume txundituta geratu gara. Andrak 70 urte inguru izango ditu. Kataluniako herri batean nago, internetekin lotutako sexu indarkeria eta jazarpen egoeren aurrean beldurraren ordez jabekuntza sustatzeko beharrari buruz hitz egiten. Emakume taldea askotarikoa da, hiru belaunalditakoa (gazteenek hamabost urte dituzte). Konfiantza giro hunkigarria sortu da. 60 urte inguruko emakume batek kontatu du gazteago zenean bere lankide batek bera bortxatzeko saiakera egin zuela. Ondoren, 30 urteko bere alabak esan du berak ere sexu eraso bat gelditzea lortu zuela; auzoko bat izan zen erasotzailea. "Ez ezazu ezezagunekin txateatu" bezalako aholkuek arriskua kanpoan kokatzen dute. Jack Destripatzailearen garaietatik, kaletik dabilen ezezagun krudel baten mamuarekin bizi gara emakumeak. Munstro hori saihesteko, gure autonomia eta askatasuna –sexu askatasuna bereziki– mugatu behar ditugu. Baina, egun jakin badakigu eraso sexista gehienak ezagunek eragiten dituztela. Ezagunak direnean, zailagoa da indarkeria hau onartzea eta salatzea: gizonak boterea edo ospe ona duelako, horregatik sinetsiko ez gaituztelako, herrian gatazka bat piztuko dugulako, berarekin maiz topo egingo dugulako. Auzokoa, lankidea, amorantea, senarra, medikua (!), apaiza. Apaiza behin baino gehiagotan aipatu dute adineko andreek solasaldi honetan. "Tira, garai horretan nik ez nekien apaizaren magalean esertzea eta bere ukitu lizunak pairatzea sexu gehiegikeria zenik".   Solasaldian eztabaida piztu zen: baikorrak izateko arrazoiak ditugu? Nahiz eta emakume izateagatik gizon ezezagunekin ikara sentitu, nahiz eta emakume izateagatik ezagunen erasoei aurre egin. Baikorrak izan behar dugu isiltasun hori urratu delako, urratu dugulako? Granollerseko diskoteka bateko komunetan, bi mutilek neska bat bortxatu zuten. Sare sozialetan jende askok neskari egotzi zion errua. Neska dantzan zebilela gizon batekin zein emakume batekin musukatzen hasi omen zen. Bere sexu askatasuna adierazteagatik bortxatu zuten, alegia. Ez harritu epaiketan defentsak  argudio hori erabiltzen badu. Gogoratu Nagore Laffageren hilketaren epaiketa Baina albiste kezkagarri bat ere kontatu dute: orain dela hilabete bat, Granollerseko diskoteka bateko komunetan, bi mutilek neska bat bortxatu zuten. Sare sozialetan jende askok neskari errua egotzi zion. Neska dantzan zebilela gizon batekin zein emakume batekin musukatzen hasi omen zen. Bere sexu askatasuna adierazteagatik bortxatu zuten, alegia. Ez harritu epaiketan defentsak argudio hori erabiltzen badu. Gogoratu Nagore Laffageren hilketaren epaiketa. Emagaldu bat izateagatik erasoa probokatu zuen. Hankak irekita erditzen gaudenean ere ginekologoa probokatzen omen dugu. Umeak garenean dagoeneko probokatzaileak gara eta gehiegikeriak desio ditugu. Tenerifeko apezpikuak 2007an eta Limako kardinalak 2016an halakoak esan dituzte. Ebaren jatorrizko bekatuaren zama daramagu. Baina gaur egun halako jarrera, eraso eta zurrumurruetan matxismoa eta indarkeria identifikatzen ditugu. Sare sozialetan eta hedabideetan sexu onespenari buruzko eztabaida piztu da. Ezetza ezetz da leloa nonahi irakur dezakegu. Pasa den Sanferminetan emakume bat bortxatu zuen gizon taldearentzat hogeita bi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Alabaina, La Manadak jarraitzaileen laudorioak jaso ditu interneten eta futbol zelaietan. Hiru belaunaldik bizitako indarkerien memoria piztu dugu, baina ez gara biktima sentitzen. Isiltasuna, lotsa eta beldurrak astindu ditugu elkarrekin. Eskerrak horri buruz hitz egiten dugula gaur egun.
news
argia-9f4884993220
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/hil-laudamena.html
Hil laudamena
Angel Erro
2017-05-21 00:00:00
Hil laudamena Gauzak inork baino lehenago egiteko zure joerak bildu gaitu gaur hona, eta horrek ekarri dit jendaurrean zutaz aritzeko ardura bilatu gabea. Barkatu beharko didazu, zaudenean ere, hitzon traketsa, zu baitzinen gure artean hitz kontuetan trebeena. Zoritxarrez ez zaitugu zu hemen, gure arteko baten hil laudamena eginez, eta gutako bat hor, zu zauden tokian, zauden tokian zaudela ere. Lepoa eginen nuke, zu hemen egotera, ni nagoen leku eta ataka gaiztoan, ederki arituko zinela zuka egin beharrik gabe, ez hitanoa polito zenerabilelako, eta are herabilelako ere, hitanoa polito zenerabilenez, eta are herabilenez ere, baizik eta jende hilari buruzko prentsako testuetan batez ere, baina baita gaur bezalako hileta zibiletan ere, bigarren pertsona gramatikala irmoki gaitzesten zenuelako. Behin baino gehiagotan (gogoan dut behin, Erronkariko zure bordan, gonbidatu gintuzunean, hain ongi ateratzen zitzaizun –nik erakutsitako errezetari jarraituz– paella del senyoret prestatu eta bapo bazkaltzera) irri egin diezu (arroza egosten zen bitartean egunkariak elkarren ondoan irakurtzen genituela), horrela arituta, gertutasuna erakutsi eta adiskidantza nabarmendurik, hildakoari buruzko informazio objektibo eta neurritsua, bere testuinguru historikoan kokatuko lukeen atzera-begirakoa, arreta mediatikoko une gorenean –norberaren heriotzarenean, hain zuzen– hain eskergarria litzatekeena, bertan behera utzirik, konpai pasadizoen bidez ihes egiten duten ustezko adiskideei, adiskide azken finean txarrei. Niri ere eginen didazu irri, nonahi zaudela ere, testu hau, gainbegiratzeko nori eman ez dudanez, bere horretan prentsara bidali eta zuk irakurtzen duzunean, dagoeneko Bidankozeko bordarik gabe, jauntxoaren paellarik gabe eta are begirik gabe ere. Zure balizko irri karkailak, oraintxe entzuteko irudipena dudana [entzuleria aldekoa sumatuz gero, saiatu haren irri karkaila imitaezina antzeratzen] kontsolatzen nau baliabideen eskasiaz. Beste kontsola-bide batez ohartarazi naute zutaz hitz egitera gerturatu zaizkidan zure ustezko etsai askok, zure benetako lagunen harridurarako, egunkarietan eta sare sozialetan laudoriozko mezuak barra-barra idatzi dituzten horiek: gehien maite zenuena egiten hil zara: zu zeu izaten. Hori da gauza bat, gehien maite dutena egiten hiltzearena, oso jende gutxik lortzen duena. Orain bakarrik mendizaleak (elur jauzi baten azpian harrapatuta edo gailurretik hurbil izoztuta hiltzen direnean) edo txirrindulariak (babes tartea gorde ez duen ibilgailu batek aurrean eramanda) datozkit gogora zorioneko jende horren artean. Nik neuk, esaterako, susmoa dut, gehien maite dudana egiten (bizitzen, alegia) bizi banaiz ere, gutxien maite dudana egiten hilko naizela egunen batean, burua galduta eta hilzorian. Bukatzen joateko, ez bainaiz gaur hitza hartu beharreko bakarra, zure izenean eskatu nahi diet hurrengo hizlariei ez dezatela "goian bego" esapidea erabil, dagoeneko baten bati erabiltzen aditu diodan moduan, ez baitzinen euskaldun fededuna (eta seguruenik hala erabili edo erabiltzeko asmoa duzuenok ere ez). Horren ordeko, "gugan bego" irudimentsuagoa proposatzen dizut, zuk, zauden tokian zaudela, hala nahiago izanen duzulakoan. Izan ere, ederki irudika zaitzaket formula horri "eta ni Begorengan" batekin erantzuten. Besterik ez, besarkada handi bat hor atzean eserita dagoen Begori, zure emazte Carlotari eta maite izan zaituzteten guztioi ere.
news
argia-3c73a4477894
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/euskal-eskola-publiko-berriaren-jaia-irunean.html
Makro-jaialdien eredutik ihesi
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-05-21 00:00:00
Makro-jaialdien eredutik ihesi Zenbat jaialdi berdin (edo oso antzeko) ezagutu ditugu azken urteotan Euskal Herrian? Izenagatik desberdinduko genituzke agian, baina egitarauari eta antolaketari begira zenbat makro-festa ikusi ditugu herri batean eta bestean? Gastatzeko gure ahalmenaz gaindiko dirua genueneko arrastoak izango dira. Aldaketak nabari dira jai ereduan ere, ordea. Horren adibide Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia, eta bertan izango da ARGIA ere.     Slow bizitzaren filosofiaz hitz egitetik praktikan jartzera pasa nahi dute aurten Iruñean. 25 urte ospatu zituen Sortzenek iaz Hernanin, eta handik abiatutako hausnarketaren praktika izango da maiatzaren 21ekoa. Azken urteetan antolatu dituzten jaialdiei erreparatu eta "gelditu" beharra ikusi dute. Bizitza frenetikoa frenatu eta hezkuntzaren ikuspegitik haurrak erdigunean jarriko dituen eskola antolatzearen beharra.  Horren bidetik doaz Auzo bizi onaren eskola aurtengo jaialdiaren leloa eta IkasKilo barraskiloaren pertsonaia.     Jaia edukiz eta balorez betetzea. Ezagun egiten zaigu ARGIAn ere esaldi hori. Eta horixe bera du Sortzenek aurtengo jaialdirako oinarri. Eta balorez betetze horrek antolakuntza guztia iraultzen duenez, aurten ez du azken urteetan bezala eskola batek hartu jaia antolatzeko ardura; aurtengoan eskola guztiei luzatu zaie gonbitea prestaketetan parte hartzeko, eta hasierak kosta egiten badira ere, auzolanaren bidean urrats indartsuak eman dira. Eta makro-jaialdietatik ihesi, "zer behar du gure hezkuntza komunitateak?" galderari erantzun nahian antolatu da Iruñeko festa. Aurten, gainera, hezkuntza komunitateaz gain hainbat herri eragile gonbidatu dituzte Hezkuntza Azokan parte hartzeko. Bertan izango da ARGIA, Euskal Herriko Bilgune Feministarekin, Elikaherriarekin, UEUrekin, Euskal Memoria Fundazioarekin, Ikasle Abertzaleakekin, Topagunearekin eta eragile gehiagorekin batera.     Kendu diezaiogun zentzu negatiboa "mantso", "poliki" hitzei, geroz eta gehiago baikara gure komunitate txiki honetan pausoak poliki eta mantso ematearen aldekoak, pauso sendoak izanik.
news
argia-c6c193746878
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/udaberriaren-doinuan.html
Udaberriaren doinuan
Dabi Piedra
2017-05-21 00:00:00
Udaberriaren doinuan Udaberriko Saioak, Bilboko Santutxu auzoan. Maiatzaren 6ko saioaren kronika. Hurrengo saioak: Maiatzaren 20an, 13:00ean Karmelo plazan: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Andoni Egaña eta Igor Elortza. Maiatzaren 26an, 20:00etan poteoa: Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Fredi Paia tabernaz taberna. Udaberriak ez du huts egin urteroko hitzordura eta harekin batera heldu dira bertsoak Santutxuko Karmelo plazara. Bizkaiko hiriburuko bertsozaleek gogoz itxaroten duten zita da Udaberriko Bertso Saioak zikloa. Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udalak antolatzen dute eta 33. aldia du aurtengoa. Bilbon auzoz auzo mugitzen ibili eta gero, duela hamahiru urte behin betiko egoitzatzat hartu zuen Karmelo plazako eszenatokia, Santutxuren bihotzean.     Udaberriko Bertso Saioen funtsa hiru irizpidetan oinarritzen da: bata, goi mailako bertsolariak ekartzea; bigarrena, Bizkaiko bertsolariei eta emakumeei lekua egitea; eta hirugarrena, saioetara joandako bertsolariei bertso bana kantatzea. Bertso eskolako kideek prestatzen dituzte bertso berezi horiek, eta publikoak abesten dizkie bertsolariei, saioaren amaieran.     Maiatzeko lehenengo hiru larunbatetan izango dira saioak aurten. Aurrenekoan, maiatzaren 6koan, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza igo ziren oholtzara. Eguraldi eguzkitsua lagun, makina bat zale inguratu ziren entzutera.     Aitor Irastorza gai-jartzaile gaztearen aginduetara jardun ziren. Karmelo plazan kantatzea "urteroko errituala" dela esanaz hasi zen Amuriza eta Lujanbiok gehitu zuen maiatzak bertsoa behar duela. Santutxuko paisaia gogoan, bertsoak asfaltoan loratzeko gogoa adierazi zuen Ajuriagojeaskoak agurrean.     Beharbada eguzkiak publikoa otzandu zuelako, kontua da motel antzean hasi zela saioa. Txalo zaparradak eta barre algarak ez ziren ugariak izan. Lehenengo bertsoaldi aipagarria Amurizaren eta Ajuriagojeaskoaren artekoa izan zen. Bizkaiko txapelketako finalaurrekoan kantatu zuten ofizioa berreskuratu zuen gai-jartzaileak, eta Done Jakue bidea egiten jarri zituen. Ondoren, bere amaren abizenari kantatu zion Maialen Lujanbiok.     Ariketa berezietarako eta esperimentuetarako aukera ematen dute txapelketaz kanpoko saioek. Hala, Amuriza matematikari lanetan jarri zuen Irastorzak: beste hiru bertsolariek maitemintzean darabilten formula matematikoa eskatu zion berriztarrari. Zerotik hamarrera eta hamarretik zerora berehala pasatzen dela bota zion Amurizak Iturriagari, eta honek erantzun ez dela gauza berriak probatu zalea: "Bat gehi batetik ez naiz, sekula pasatu", durangarraren azken puntua. Ajuriagojeaskoari bertso ederra kantatu zion Amurizak, maitearen bertuteak biderkatu egiten dituela esanaz, eta berari bihotza zati bi egiten zaiola. Ariketa polita izan zen, Amurizak ondo heldu zion erronkari eta beste hiru bertsolariek fin erantzun zuten.     Publikoa ondo kateatu zuen, era berean, Iturriagaren ariketak. Gai-jartzaileak puntu batean definizioa eman eta durangarrak hurrengo puntuan hitza asmatu behar izan zuen. Alfabetoko letra bakoitzeko hitz bat zen eta Iturriagak denak asmatu zituen, bat izan ezik. Ondoren, binaka, Ajuriagojeaskoa Donald Trump izan zen, eta Lujanbio/Marine Le Peni aholkuak eman zizkion.     Azken ariketan, Iturriaga beste hiruren bertsonal trainer izan zen. Izan ere, durangarrak ez du parte hartuko udazkenean Txapelketa Nagusian, baina besteek bai. Ziria ederto sartu zioten elkarri eta, gainera, Iturriagak asmatu zuen beste hirurei ateratzen ea txapelketara zer aldarte daramaten. Bertsoen mailaren aldetik ere, ariketa hau izan zen osoena, txapelketa aipatu izanak bertsolariak bizkortu zituen akaso.     Saioa biribiltzeko, bertso eskolakoek lau protagonistei idatzitako bertsoak kantatu zituen publikoak.
news
argia-a616806ca60d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/cheikouna-kanporatzeko-epaia-kaleratu-du-auzitegiak.html
Cheikouna kanporatzeko epaia kaleratu du auzitegiak
Euskalerria irratia
2017-05-10 00:00:00
Cheikouna kanporatzeko epaia kaleratu du auzitegiak Behin-behineko erabakia da eta errekurtsoa jarriko diote. Paperik gabe dago Cheikouna eta kanporatzeko arrisku larrian. Hala ohartarazi dute azken hilabeteotan Txantreako bere lagun eta bizilagunek. Hamaika urte daramatza Iruñean eta poliziek kalean zela paperak eskatu ondoren pasa behar izan du epailearen aurretik. Joan den astean izan zuen epaiketa eta atzo bertan ezagutu zen sententzia: kanporatzeko agindua eman du epaileak. Behin behineko erabakia da eta errekurtsoa jarriko diotela iragarri dute.   Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra
news
argia-84f9b5d68041
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/jean-michel-berho-domintxineko-ahate-hazlea.html
"Milioika hegazti hil dituzte, arazoaren zinezko kausari buru egin gabe"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-05-21 00:00:00
"Milioika hegazti hil dituzte, arazoaren zinezko kausari buru egin gabe" Auzo baten etxean hegazti gripea agerturik, beste hainbat laborariren gisara, prebentzioz ahateak hiltzera behartu zuten Jean-Michel Berho. Neurria ez onarturik, etxaldera zetozen Frantziako Estatuko osasun zerbitzuko ordezkariak oztopatzen aritu zen, kontsumitzaileak eta ELB sindikatuko laborariak zituela ondoan. Borroka irabazirik, irakaspen bat atera dela dio: "Ekoizleek badakite kolektiboki garaitu daitekeela makina administrazio pisu hau". Hegaztien gripea hor dago. Gure marranta bezain ohikoa da. Une eta gune berean hegazti gripe forma bat baino gehiago daude. Baina azken urteetan agertzen diren gripe oso bortitz horiek hazkuntza kontzentratuei lotuak dira. Forma bortitz horiek ezin dute naturan edota dentsitate txikiko hazkuntzetan hazi, hegaztia berehala hilen delako eta ez delako hedatzeko aukerarik. Haatik, abereak elkarren gainean diren hazkuntzetan bai, genetikoki biziki hurbil eta kasik klonak diren hegaztiekin bai. Duela milioika urte existitzen dira hegaztiak eta gripeak, hazkuntza txikiak ere duela milaka urte. Nolaz dira orain agertzen epidemia horiek? Aldaketa da nekazaritza industriala geroz eta inportanteagoa dela, garraio gehiagorekin, kontzentrazioaren eraginez.  Garraioaren bidez hedatu da. Hamar milaka hegazti diren guneetan birusaren kontzentrazio erraldoia kausitzen dugu. Naturan libratua dena, eraikinetan izan arren, aire kantitate alimalea hartua eta kanporatua delako, arnasa hartu behar dutelako eta ongarrian den amoniakoa atera behar zaielako. Gainera, hiltegietara edota gizentze guneetara garraiatuak dira, eta haien luma likistuak naturan hedatzen dira. Hegaztiak hiltzea da emandako erantzuna. Izurrite bortitz bat denean, normalean funtzionatzen duen egin-molde bat da. Gaur egun arazoa da hiltze sistema askoz zabalagoa finkatu arren garraioa ez dutela gelditu. Eritasuna hedatu da, eri ziren hegaztiak garraiatu dituztelako. Eta ahateen hiltzea inposatua zaizu. Prebentziozko hiltze gune batean naiz. Milioika hegazti hil dituzte, arazoaren benetako kausari buru egin gabe. Funditze alimale horren aurka borrokatu gara. Etxe ekoizleentzat da zailena. Jomugan gaituzte. Alta, ez dugu ezer garraiatzen, hegaztiak baserrian bertan haziak, galkatuak eta hilak dira. Horregatik ditugu prebentziozko hiltzeak errefusatu. Sostengu jendetsua jaso duzue. ELBren baitan sortu genuen iaz hegazti gripeari buruzko gogoeta talde bat. Jada genioen garraioa zela epidemiaren arrazoi nagusia. Industrialak erotuak ziren, arras ongi zekitelako baina isilean atxikitzen zutelako. Garraioa geldituz arlo industrial guztia da erortzen. Hipokritak dira zeren udaberria etorri zaigu eta horrek du kontaminazioa txikitu. Arriskua da datorren neguan berdina gertatzea. Guk hori diogu. Komedia zabal hori bukatu eta oinarrian den arazoari begira jarri behar gara, hots, hazkuntza industrialari eta garraioari. Alerten datu basea estatuak kudeatzea nahi duzue. Interprofesionalaren esku da, industrialez osatua, eta neurri guztiak dira ekoizle txikiak suntsitzeko. Guk osagarri sistema segurua dugu, ez ditugu neurri ultra-higienista horiek behar. Neurri horiek segitu dituzten hazkuntza erraldoiak dira birusaz lehenik hunkiak izan. Argi da ez dela soluzioa. Ekonomikoki oso pisua da eta prozedura astuna. Anitz ekoizle txikik dute etsiturik lanbidea utziko. Ezin onartuzkoa da, jakinez gainera jendarteak ekoizpen eredu hori duela geroz eta gehiago eskatzen. Lanuzteari buruzko zifrak dauzkagu? Ez, ministerioak gorderik atxikitzen ditu. Ez dugu datuen berririk, nahigabean eskapatzen zaizkielarik jakiten ditugu. Iaz hazkuntza industrialen bi herenak kontaminatuak zirela horrela jakin genuen.  FDSEA sindikatua jakinean da? Noski. Zein izan da haren joera azken mobilizazioan? Sekulako presioa jarri dio prefetari, hiltzeak behartzeko. Alta, prefetak gu entzunez du deskubritu egoera eta aterabide edo erdibide bat atzeman nahian zen. Laborantza ministeritzan, DGAL Elikaduraren Zuzendaritza Orokorraren mailan teknokratak daude eta haiek dute desagerrarazteko politika erabakitzen.  Nolakoak dira kalte-ordainak? Hor ere industrialek presioa egin zuten ordainak haien ekoizleei banatzeko. Hainbeste non eta aurten batzuek zioten berriz hegazti gripea hartuko luketela, diru-sartzea dutelako lanik egin gabe. Haatik etxe ekoizleok ez gara hainbeste lagunduak. Zein da arrazoia? Lobbyak dituztela parean. Indar harreman bat da, industrialek daukatena eta guk ez. Horregatik dira ekoizle txikiak deskuraiaturik. Gainera, biosegurtasun neurriekin inbertsioak emendatzen dira. Azkenean borroka irabazi duzue. Hilketa oztopatzeko prest izango zen jendea genuen ondoan. Harrituak izan gara, batez ere bigarren aldian. Bezpera gauean jakin genuen 6:30ean etorriko zirela eta mobilizatzeko tartea txikia izanda ere, lehen aldian baino gehiago ginen. Landetako ekoizleek erran ziguten "lasterregi utzi ditugu hegaztiak hiltzera, banaka hartu gintuzten, beldurra sarraraziz eta ez ginen kolektiboki antolatuak. Datorrenean erresistentzia adieraziko diegu". Irabazi izana eredu izan da.
news
argia-e006e800e616
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/lasarte-orian-erronka.html
Euskararen erabilerak %20 egin al dezake gora astebetean?
Onintza Irureta Azkune
2017-05-21 00:00:00
Euskararen erabilerak %20 egin al dezake gora astebetean? Konpromisoa hartu duzu. Zerrenda osatu duzu zure etxekoekin, lagunekin, lankideekin eta ezagunekin. Denek euskaraz ulertzen dute. Zure erronka astebetez haiei euskara hutsean egitea izango da. Lasarte-Orian egin zuten erronka hori eta partaideei hiru aldiz galdetu zieten euskararen erabileraren zenbatekoa. Erronka hasi aurretik %62,4koa zen; astebeteko erronka egin eta gero erabilera %83,8ra igo zen; eta handik hiru hilabetera %81,3an zegoen. Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketetan, Lasarte-Orian, eskaini ziren datuok eta beste hainbat maiatzaren 11n. 2016ko urriaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Lasarte-Orian bertan "Baietz 40 egun euskaraz!" erronka egin zuten Ttakun Kultura Elkarteak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak. Herri erronka baliatuta, ikerketa egin dute eta Pello Jauregi EHUko irakasleak ikerketa-ekintzaren emaitzak aurkeztu zituen. Zein izan zen "ahobiziaren" soslaia? 40 urte inguruko emakumea, euskaraz ulertzeko eta mintzatzeko gaitasun ona duena, eta erronka bereziki etxekoekin eta lagunekin gauzatu zuena Datu deigarriena sarreran aipatu duguna da. Astebeteko erronkan parte hartu zuten "ahobiziek" –euskaraz egiteko konpromisoa hartu eta rol horri zegokion txapa paparrean jarri zuten– euskaraz zeinekin arituko ziren beraiek aukeratu zuten (senideak, lagunak, lankideak, ezagunak). Ulertzekoa da astebeteko erronkan, halako epe laburrean, erabilerak erraz gora egitea, %62,4tik %83,8ra. Pello Jauregi bera eta beste hainbat harritu duena da hiru hilabete ondoren erabilera %81,3an mantentzea. Datuok ikusita jardunaldietan bati baino gehiagori etorri zitzaion galdera: "Portzentajea zenbatean egongo da hemendik urtebetera?". Zein tarte zegoen euskararen erabilera hobetzeko eta zenbat egin zuen gora astebeteko erronka garaian eta ondoren? Hasierako erabilera %62,4koa bazen, hobetzeko tartea %37,6koa zen. Bada, erronka garaian euskararen erabilerak hobe zitekeenarekiko %56,9 aurreratu zuen. Handik hiru hilabetera portzentajea %50ekoa zen. Galdera "belarripresti": Erronka aurretik baino gehiago hitz egin al dizute euskaraz erronka garaian etxekoek? %74,5ek baietz dio. Portzentajea, asko jaisten da hiru hilabetera. Orduan %27,8k dio etxekoek euskaraz hitz egiten diotela Emaitzetan ez dago ustekabekorik generoari, adinari, harreman motei eta euskara gaitasunari begiratzen badiegu. Hau da, euskaraz aritzeko konpromisoa emakumeak ala gizonak hartu ia ez dago alderik erabilera-bilakaeran. Erabilerak ez du gora edo behera nabarmen egiten "ahobiziaren" bikotea senidea, laguna, ezaguna ala lankidea izan. Parte-hartzailearen hizkuntza gaitasunak ere ez du aldaketarik eragin. Zerbait aipatzekotan, oso ñabardura leuna bada ere, adinaren araberako portzentajeak dira. 16-30 urte artekoek eman dute jauzi handiena erronka aurreko eta erronka ondorengo erabilera datuetan, eta handik hiru hilabetera egindako galdeketaren erantzunen arabera, aldaketari ondoen gazteek heldu diote. Hurrenez hurren horrela dira datuak: %60,1eko erabilera, %84,7koa, eta %84,7koa. Zuk euskaraz egiten badidazu... ni ez naiz atzean geratuko Zu "belarriprest" zara. Zuk hartu duzun konpromisoa ez da euskara hutsean aritzea, baizik eta paparrean jarri duzun txapari esker, "ahobiziari" bi mezu eman dizkiozu: "Nik euskaraz ulertzen dut eta  zuk niri euskaraz egitea ondo hartzen dut". Beraz, "belarriprestei" ondoko galdera egin zioten erronka bukatutakoan, horien kasuan sei asteko erronka: Zuri erronka aurretik baino jende gehiagok hitz egin al dizu euskaraz erronkan zehar? Eta baiezko erantzuna %64,9 eta %77,4 artean dabil. "Belarriprestek" diotenez, lankideak dira euskaraz gehien egin diotenak. Harroaldiak ordea, oso nabarmen egiten du behera galdera bera hiru hilabetera egiten zaionean, alegia, jada paparrean "belarriprest" modura identifikatzen duen txaparik ez daramanean. Portzentajeak harreman eremuen arabera %52,7tik %27,8ra doaz. Etxekoak dira "belarriprestei" euskaraz egiteari gehien uzten diotenak. Eta "belarriprestak" "ahobiziari" euskaraz erantzuteko joerarik izan al du? Bada, %75,8k dio nabarmen izan duela euskarara jotzeko joera Beste galdera bat ere egin zitzaien "belarriprestei": "Ahobiziak" zuei etengabe euskaraz ari zitzaizkizuenez, zuek hartu al zenuten euskaraz erantzuteko joera? Pello Jauregi ikerlariaren ustez, galdera horren erantzunek erakusten dute simetriarako joera egon dela, hau da, nahiz eta euskaraz egiteko konpromisorik ez hartu, eta nahiz eta sarri euskara gaitasun ahula izan, "ahobiziek" berera eraman dituzte "belarriprestak" eta euskara "kutsatu" diete. Euskararako joera nabarmena izan duela erantzun zuen %75,8k eta %18k joera pixka bat. Gaztelaniari nabarmen edo pixka bat heldu ziotenak %6,2 dira.
news
argia-16de3a7833e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/bizi-luzea-post-pum-ari.html
Bizi luzea Post Pum-ari!
Kepa Matxain
2017-05-21 00:00:00
Bizi luzea Post Pum-ari! Sarkasmoa, parodia eta distantzia ironikoa, klase guztietako estiloekin nahasirik. Iritsi da Post Pum-a, euskal musika astinduko duen olatu berria. Eta aurreko olatuen bide bera egiten badu, kasu, bizpahiru hamarkadetan ez dugu beste konturik izango eta. Ez zen beste hizketa gairik euskal probintzietan: noizko musika eszena irauliko duen hurrengo mugimendua? Noizko garai berriok eskatzen duten tamainako soinu banda? Doktoregaiak nazkatuta zeuden Euskal Kantagintza Berria eta RRV-a enegarrenez berrinterpretatzen, tabernariek hamarkadak zeramatzaten playlist berbera erreproduzitzen, eta melomano sutsuenek ere –zirrikitu ezkutuenetako doinuak ezagutzen dituzten horiek– ez zuten panoramaren hitsa aitortzea beste erremediorik. Baiki, begiak erne eta belarriak zut zituen edonork antzematen zuen airean: nazio oso bat, bere alderdi, lobby eta txosna batzordeekin, hortzak izerditan, musikagintza astinduko zuen mugimendu berriaren zain. Eta, zer esanik ez, hedabideen egitura osoa, bere kultur kazetari, tertuliakide eta musika kritikariekin, lumak koipeztatuta, euskal eszenan arrakala bat irekitzeko gai zen hurrengoa aldareratzeko prest. Azkenerako, artista kanonizatuak ere atera ziren egunkarietan aldarrikatuz Ez Dok Amairuren espiritua berreskuratzeko behar larria zuela herri honek. Makro eskalako apurketa berri bat. Betiko erretxinak salbu, ez zen inor asaldatu. Ordurako, adostasuna erabatekoa baitzen: udaberriko zizak hezetasuna nola, Urraketa Handia behar zuen euskal musikak. Urrutiko intxaurrak ziren, baina gerturatu eta antzeko ezaugarriak zituztela ohartzen zen bat: elaborazio handirik gabeko kantuak, esperimentatzeko gogoa, eta Do It Yourself filosofia Haizeak ezin zuen egokiago jo. Osagai guztiak mahai gainean zeuden, panorama lehertuko zuen taldea bakarrik falta zen. Eta, orduan, Aldapan gora kaleratu zuen Huntzak, eta zabaldu zen lau haizetara, Hemendik At-en arrakasta berantiarretik egundaino deus zabaltzen ez zen bezala. Ez zen belarri bakar bat ere libratu: bidean harrapatzen zuen oro bere baitatik atera eta deabrutzeko gai zen hit-a. "Noski, hau zen behar genuena", zioen jendeak, irudituz triki-pop-aren aro loriatsua berpiztear zela, ostera loratuko zirela erromeriak Maixa ta Ixiar edo Alaitz eta Maider berriekin. Baina igaro dira ia zortzi hilabete, ez da segidarik sumatzen, eta honezkero susma liteke dena ameskeria hutsean geldituko dela. Bai, Huntzarena bozkarioa izan da, baina revival-arena, inoiz bizitako garai ederrak bere horretan errepikatu nahi zituenaren bozkario nostalgikoa eta, hortaz, iraungipen data zuena. Ez gaitu triki-pop-ak salbatuko, momentukotz. Etsipenak hartu zituen bazterrak. Askok amore eman zuten, pentsatuz inoiz baino zailago zegoela urraketa, musikan egiazko iraultzarik egitea ezinezkoa zela dagoeneko. Izan ere, nola izan estetikoki urratzaile egun, kapitalak inoiz baino asimilazio gaitasun handiagoa duenean? Ba ote da oraindik benetako artea egiteko margenik? Halako galderei buruzko saiakerak hasi ziren liburu-dendetara iristen. Bitartean, kezka handiotatik argi urteetara, "Gaur erronkarieraz hitz egiten esnatu naiz" kantatzen zuen Kau Kori Kurak , Errioxa Zortzigarren Euskal Probintzia dela aldarrikatzen zuen Ttun Ttun Brigadek, lau dilistari buruzko kantu gogoangarria egin zuen ErrezHilek, Bernardo Atxagaren ahots eta guzti, Oi, Pello Pello elektronikara moldatu zuen Dr. Krzyc-ek. Urrutiko intxaurrak ziren, baina gerturatu eta antzeko ezaugarriak zituztela ohartzen zen bat: elaborazio handirik gabeko kantuak –ordenagailu batekin eta oso oinarrizko sintetizadoreekin edonork grabatzeko modukoak–, esperimentatzeko gogoa, eta Do It Yourself filosofia. Txanpiñoi gehiago ere agertu ziren bide bazterrean. Hondarribiaren soziologiaz dokumental serie luze bat egiteko motiborik falta bazen, han hasi ziren Gorpuzkingzeko gangstak trapa egiten, beren armategi eta guzti, abiyua merke-merke lortzen dutela kantatuz. Bizkaiara ere iritsi zen ufada freskoa: entzun, bestela, Magnetico Grupo Robot -eko anfitrioi zibernetikoen kantu labur bezain bizkorrak, edo Zazkel en Tribu Dantza, Euskal Pop Erradikala erreibindikatuz. Betiko punk-a egiten zutenak, berriz, panfletotik atera eta hitz satirikoetara jo zuten. Irungo Pecozza United ek kantu bana eskaini zien, besteak beste, Bugattiko bihurgunea blogari edo Durangoko Zentro Palentinoari. Donostiako Txemak anal-core taldekoak, ostera, kexati zebiltzan, Eibarren El Corte Inglesa daukatelako, eta Donostian ez. Inork esango du musikarion arteko lotura behartuegia dela, oso ezpal desberdinekoak direla –elektro pop, trap, punk, freak, anal-core, eta abar– eta ez dela komeni Errezil sagarra eta Goldena zaku berean sartzerik. Irakurketa kamutsa, ez baitu kontuan hartzen korronte artistikoen bateratzaile funtsezkoena: jarrera. Espiritua. Mundu ikuskera. Eta agerikoa da, ñabardurak ñabardura, taldeoi sumatzen zaiela antzeko begiratu bat. Ez berria, baina bai bazterrotan askorik zabaldu gabea –are gutxiago euskaraz–. Jarrera ironikoa da, batzuetan sarkasmora gerturatzen dena, besteetan parodiara, sarri puntu ikonoklasta batekin. Barrearen eta deserosotasunaren artean uzten dute entzulea, ez dakielako entzuten ari den ahots hori zenbateraino den benetakoa, zenbateraino fikziozkoa. Eta, batez ere, ez daukate Euskal Herria salbatzeko bokaziorik. Inork baino lehenago usaindu zuten hori guztia Bergarako Txapa irratiko kideek. Apirilaren 1ean antolatu zuten Halabalooza Festibala Kartzela Zaharrean, eta gonbidatu zituzten olatu berri horretako hainbat talde: Ttun Ttun Brigade, Magnetico Grupo Robot, Zazkel, Dr. Krzyc… Jaialdi hark izan zuen eite fundazional bat, aurrenekoz bildu zituelako toki eta une berean ordura arte antzeko jarrerarekin baina beren kabuz zebiltzan hainbat artista. Zalantzatienek ere garbi ikusi zuten gau horren ondoren: bai, han mugimendu bat zegoen. Bestelako forma bat hartzen zuen mugimendu bat –sakabanatuagoa, deszentralizatua, martxa finkorik gabea, oso anitza–, baina mugimendu bat. Egin dira marmitakoak atun gutxiagorekin. Badago mugimendu bat, sakabanatua, deszentralizatua, martxa finkorik gabea, oso anitza, baina mugimendua. Egin dira marmitakoak atun gutxiagorekin Izena jartzea besterik ez zen falta. Etiketak izan behar zuen "euskal"-ik gabea, motza eta inklusiboa. Zein da, ordea, talde horiek guztiak barnebiltzen dituen ezaugarria? Aipatutako jarreraz gain, sortu diren garai historikoa. Arte oro ulertzeko testuinguruari erreparatu behar bazaio, talde guztiok gatazka armatuaren ostean sortutakoak dira. Nola ez du, bada, horrek eraginik izango? Ez hainbeste, boteprontoan pentsa litekeen bezala, lehen ezin zirelako gai batzuk askatasunez parodiatu –ikusi, bestela, Ciclos Iturgaiz edo Lendakaris Muertos–. Ziur asko, beste bat da gakoa: ziklo armatua amaitzearekin bat narratiba oso bat amaitu da, eta badago sentipena ez ote duen ordezkatu dena zipriztintzen duen baikortasun naif batek. Aldiz, talde berriotan begiratu eszeptikoago bat suma daiteke. Demaseko optimismo horren aurrean, nahiago dute distantzia hartu, eta inguruari begirada zorrotz bezain ironikoa bota. Bada garaia biolentziaren aroaren ostean sortzen ari den ahots multzo hau bataiatzeko. Iritsi da Post Pum-a. Datozen hamarkadetan hartuko ditu taberna, txosna eta herri bazkari oro. Entzungo da Korrikako furgonetako bafleetatik, Herri Urratsen eta Usopopen. Jarriko dute derrepentean Radio3-n eta, suerte pixka batekin, Gaztean. Beteko ditu Wikipediako orrialdeak. Egingo dira mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak. Egingo dira, halaber, kamisetak, dokumentalak eta doktore tesiak. Iritsiko da museoetara. Graduondokoetan irakatsiko dute kultur transmisioaren adibide eredugarritzat, harik eta higatzearen higatzeaz erreakzionario bilakatu eta norbait kontra egiten ausartzen den arte. Bien bitartean, bizi luzea Post Pum-ari!
news
argia-bc14b933e932
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/mila-eta-bat-gehiago.html
Mila eta bat gehiago
Jakoba Errekondo
2017-05-21 00:00:00
Mila eta bat gehiago Mila gau eta bat gehiago ipuin sortaren antzera, azken 22 urteetako mila artikulu eta bat gehiago hauen kontakizuna aitaren batean igaro zait. Txoko honetan Gerezi sasoi aparta izenburua zuen lehen artikulu xinple hura idatzi zuen umemoko hari, Persiako ipuin sorta horretako Nur al-Din gaztearen tankera hartzen diot, gaurko begiekin. Ipuin horietan ematen diren azalpenetan lore eta landare ugari aipatzen da, paradisuaren pare. Baita fruituak ere; maiz fruitu hezurdunak: albertxikoa ( Prunus armeniaca ), mertxika ( Prunus persica )... Persiako fruitu-baratze horietatik, erromatarrak zubi, etorria da fruitu hauek gurean duten izendegi zabala. Latineko pessica , persica eta duracinus hitzetatik abiatuta izen saltsa ederra dugu: mertxika, muxika, muxurka, prexega, preskua, peska, mersika, tuaxa, duaxa, duraza, gurazau... Hau muestra txiki bat besterik ez da, beste mordoxka bat ere badarabilgu. Jo, bestela, duela hamar urte, 2007ko urriaren 14ko ARGIAn argitaratutako Muxika tirria artikulura. Tirriak gura edo gutizia eta tema edo egoskorkeria adierazten ditu; baina baita hozkia ere. Sentipen horiek eta gehiago sortuko zituzten mila artikulu eta bat gehiago hauek, muxikak bezala. Azala erakargarria du, baina bilo motx sarri batek estalia da, eta zenbaiti hozkia eragiten dio, ez ezpainekin ukitzean, baita eskuekin ere. Esaerak honela dio: "Mirxikaren axalaren ederra". Izan da, baita ere, azal ederrez eta lurrin hordigarriz gain artikulu zakarrik, ezin eramanak eta kontrako eztarritik joandakoak... Izan ere esaera, osorik, honela da: "Mirxikaren axalaren ederra! Barnean du hexurra gogorra". Axalekoak, hezur gogorrak eta lurrin ederrekoak, beste mila eta bat gehiago izango dira, lasai egon. Egia da, gaiak ez dira amaitzen; baina eskertuko nuke, irakurle, zuk gai mamitsuren bat eskaini eta trukean artikulu berri bat eskatzea. Adibidez, eskaintza kutsua du, baina baita eskearena ere "Letxuga-kanpaiak" jo eta entzutea. Maiatzaren 3an hasi eta irailaren 14ra arte eguerdiro jotzen dira Santa Krutzetik Santa Krutzera soroak eta baratzeak izurrite eta beste edozein kaltetatik zaintzeko. Nonbait joko dituzte, nik ez dut entzuten. Lehen letxuga ( Lactuca sativa ) urte sasoi horretan izaten zen. Gaur ordea...
news
argia-481112d77ac1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/itziar-nogeras-larramendi-ikastolako-zuzendaria.html
"Aldaketa beharra bolo-bolo dabil hezkuntzan, baina sinetsi egin behar da"
Itziar Ugarte Irizar
2017-05-21 00:00:00
"Aldaketa beharra bolo-bolo dabil hezkuntzan, baina sinetsi egin behar da" Mungiako Larramendi ikastola eraldaketa unean dago. Plan integral baten erdian murgilduta daude, ikastolaren beharrak atzeman eta horien araberako proiektuak abiatzeko. Prozesuak krisia eragin du etxe barruan, baina eraldaketaren bide aldapatsuari gogoz heldu diotela kontatu digu Itziar Nogeras ikastolako zuzendariak. Ibilaldiaren lekukoa haienean da aurten: maiatzaren 28an da zita, Egunero alkarregaz lelopean. Zein dira Larramendi ikastolaren ezaugarri nagusiak? Bai azpiegitura aldetik bai hedadura aldetik ikastola handia da, auzo batean dago aparte eta herri izaera hartzen du. 0-18 urte arteko eskaintza daukagu eta Mungialde osoko ikasleak hartzen ditugu, denera 1.300 inguru. Aurten 50 urte betetzen ditu ikastolak eta kooperatiba da, ikasle ohiak batzordekide dituena. Hori fenomeno berria da. 50. urteurrena ospatzen dabil ikastola ugari. Aurreko belaunaldiek sortutako egituretan goxo gaude? Jasotako ondare aberats moduan bizi da hori ikastolan, garapena eta zaintza behar duena. Jakitun gara garai hartako inplikazioa eta parte-hartzea galtzen ari garela eta berrasmatu behar dela. Egungo familiek, oro har, seme-alabak ikastetxean utzi eta printzipioz ez dira gehiago inplikatzen. Kezka horren gainean lanean ari da hainbat bazkide. Plan estrategiko integrala abiatu duzue. Nondik dator beharra? Arrazoiak anitzak dira, baina bereziki batzordean egon diren familiek ikusi dute beharra. Lehen baino zorrotzagoa da gizartea hezkuntzarekin eta erronka potoloak ditu eskuartean. Egungo ikasle tipologia konplexua da eta gero eta konplexuagoa izan daitekeenez, aurre hartu nahi diogu. Puntualki ikusten dituzun beharren arabera aldaketak egin ditzakezu, baina gure asmoa harago joatea da. Hezkuntzak aldaketa garaia bizi du eta bakoitzak bere eredua bilatu behar du. Gurean behintzat eraldaketa bultzatzeko erabakia hartuta dago, korronteak eraman ez gaitzan. Horretara dator plan estrategikoa. Ikasturte honetan abiatu genuen gogoeta, familia, irakasle zein langileen parte-hartzea bultzatu eta gogoeta partekatua izateko. Horretarako lan talde bat sortu da, eta proiektu batzuk identifikatu ditugu. Proiektu horiek izango dira hurrengo urratsa, estrategia aurrera eramateko. Zer dakar horrelako prozesu bat martxan jartzeak? Iragan ekainean zuzendari sartu nintzenean, geldialdi batetik ateratzeko gogoa topatu  nuen, baina gauzak ulertzeko moduak ez datoz beti bat. Ikuspegi ezberdinen talka sortu du ikastolaren norabidea berrikusteak eta krisia ere ekarri du, berrikuntzarako aukera handiekin batera. Estrategiaren eraikuntzan desberdintasunak ez dira hain handiak, orduan ni hor enfokatzen ari naiz, elkarrekin diagnosia adosten. Garrantzitsua da zure burua ezagutzea instituzio bezala, zure indarguneak eta zure ahuleziak non dauden ezagutu, onartu eta hobetzeko. Erraza da esatea, baina horraino iristea lan handia izan da. "Hezkuntzaren iraultzarekin amestu arren, ikastola bat da lurrera gehien lotzen zaituena" Zerk sortu du talka? Nola egin behar den hori erabakitzeak. Helburua berehala adostu da, zailtasuna da nola egingo dugun hori erritmoetan, aldaketa potoloak direlako. Irakasle taldea bere erritmoan ari da lanean, eta familiak ahalik eta irakaskuntza puntakoena eskatzen. Krisiaren ondorioz giroa ukituta dagoela egia da eta horrek zailtasunak ekarri ditu, baina bestela ardura handiko giroa ikusten dut, benetan bidea aurkitu nahia. Bertutea litzateke bakoitzak jakitea ze paper jokatu behar duen, eta ez sentitzea irakasle batek gurasoak behar baino gehiago sartzen direla bere jakintza arloan eta alderantziz. Plan integrala da, epe luzerako aurreikusia. Nola antolatu duzue prozesua? Prozesuetan murgilduta aurrena, eta talde-lana bultzatzeko sistemak ezarrita. Lehenengo fasean gure buruaren diagnosia egin genuen; langileek, ikasleek eta guraso boluntarioek euren aldetik. Egun osoko saio bat egiteko 100 lagunera ere zabaldu zen talde bakoitza, bisioa eta misioa lantzeko. Bigarren fase honetan, proiektuak identifikatzeko gurasoak eta langileak elkarrekin aritu dira. Gogoetan sakontzen jarraitzen dugu. Zein proiektu identifikatu dituzue, beharrei aurre egiteko? Berrikuntza pedagogikoa da gakoa, nahiz eta antolaketa eta pertsonen arteko komunikazio aldaketak ere lan handia eskatzen duten, erakundearen engranajeak ondo olioztatuta egoteko. Euskalitek sustatzen duen kalitate eredura hurbiltzeko kudeaketa aurreratua da identifikatutako proiektuetako bat; antolakuntza eta gestio eraldaketa, bai zuzendari mailakoa, eguneroko lanari dagokiona zein barruko gobernu-organo eta kudeaketa-organoen artekoa. Bestetik, barne eta kanpo komunikazio eraldaketa, berrikuntza pedagogikoarekin bat etorriko den inbertsio plana eta proiektuetan oinarritutako irakaskuntza. Harremanen krisiari lotuta, arrisku sozialen gaineko plana daukagu, lan giroa ere proiektu gakotzat baitaukagu. Nolakoa da marraztu duzuen biharko ikastola? Emaitza onak lortzen dituen ikasleak dituen ikastola bat, euskalduna. Ematen du azken hori ez dagoela esan beharrik, baina eleaniztasuna bultzatzen den irakaskuntza batean, euskal kultura ardatza izatea ez da erraza. Ikasle kolaboratiboak nahi ditugu, kultur aniztasunarekiko irekiak, baina gure nortasuna indartuta nahi dugu euskal erakunde moduan. Euskararen arloan, nolakoa da ba egoera? Euskararen erabileran izugarrizko hutsunea dago. Ohitura dela uste dut, inguru sozial erdaldun batek ez du laguntzen, baina ez dut uste Mungiaren kasua denik. Aukera handia dago hobetzeko, baldintzak badaude eta uste dut inplikazio handiko tokia dela. Bereziki proiektu bat landuko dugu, gure komunitatean erabilera handitzeko. EKI proiektua eta Konfiantzaren pedagogia dira ikastola askok barneratu dituzten azken aldaketetako bi. Gurea ere bide horretan doa, baina teoria bere horretan hartu baino, eztabaidatu, proiektu bihurtu eta hori ikasgelara nola eraman da landu behar duguna. Oinarria da besteak beste proiektuetan oinarritutako irakaskuntza, eta hori ondo lotzea azpiegituren antolakuntzarekin. Kasu gehiago ezagutu ditugu, kanpoan ibili gara, eta bakoitzak bere eredua bilatu behar duela ikusi dugu. Elkarren ezagutza ere garrantzitsua da, beste ikastetxeetan pedagogiak nola gauzatu dituzten jakitea. Elhuyar Fundazioko eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako zuzendari aritu zara aurretik. Zer aurkitu duzu Larramendin? Leku bakoitza mundu bat da. Hezkuntza nahiko sektore kontserbadorea da, paradoxa bada ere. Hezkuntzaren iraultzarekin amestu arren, ikastola bat da lurrera gehien lotzen zaituen sektorea. Gestio modernoan eta kudeaketa aurreratuan espezializatu naiz eta hori erakundeetan integratzea prozesu luze eta sakona da. Dezente ezagutzen ditut, euskalgintzakoak batez ere, eta egin eta egin aritzeko garaia gaindituta dagoelakoan nago. Nola egiten diren, egitea bezain inportantea dela ohartu behar gara orain. Gestio aurreratua diodanean hori diot, ez izugarrizko aplikazio informatikoa izatea, baizik erabakiak hartzeko modua aldatzea. Hezkuntza berritzea ez da batere erraza, eguneroko lanak sarri ez dizu hausnarrerako tarte handirik uzten. Baina aldaketa beharra bolo-bolo dabil, eta zailtasunak zailtasun, sinetsi behar da egin daitekeela. Larramendirena bezalako erronka handi baten aurrean asko lagundu dezake gestio planteamendu egoki batek, eraldaketak ondo egiteko. Erronken artean dugu gestioaren eta pedagogiaren uztarketa eta era horretan antolatuko da zuzendaritza, ez daitezen joan pedagogia batetik eta gestioa eta diru-kontuak bestetik, uztartuta baizik. Nola ezkondu duzue hau guztia Ibilaldiaren prestaketekin? Ibilaldia ikuspegi berarekin planteatu da: auzolana. Azken ekintzetako batean, kanpaldian, 180 lagunetik gora aritu dira ikastola margotzen eta txukuntzen. Batzorde ugari aritu dira buru-belarri, gogoeta honekin paralelo.
news
argia-692555ac37ab
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/storniren-suizidioa.html
Storniren suizidioa
Igor Estankona
2017-05-21 00:00:00
Storniren suizidioa Uxue Alberdik itzulia, Munduko Poesia Kaieren 20. zenbakia borobil horietakoa da. Maitasun poemak, desesperazio poemak, zorion poemak, heriotza poemak. "Nire zainetan barna habil. Patxadatsu sentitzen haut irristatzen. Lokietako, samako, ukabiletako arterietan bermatzen ditiat hatzak, hi haztatu nahian". Stornitarrak suitzar emigranteak izan ziren Argentinan. Hala izan dira hainbat suitzar jatorrikoak, Hego Ameriketako herrialdean: Francisco Righetti arkitektoa, Myriam Stefford aktorea, Juan Imhoff –2015eko errugbiko munduko txapelketan laugarren–. Errepublikako bi presidente ere bai: Pellegrini, Kirchner. Storni aita alkoholak harrapaturik bizi izan zen eta gazte hil zen. Auzo pobreetako errezitatzaile, hizlari bikain, katedradun, Alfonsinaren poesiak zapaldu zituen alfonbrak eta lurrezko zoruak. La inquietud del rosal ( Arrosondoaren ezinegona ) ederto jarri zion 1916ko opera primari, izan ere, artega baitzebiltzan kontzientziadun emakumeak garai hartan, langabeak eta ezkon aurrean ama zirenak, hain zuzen argumentu bihurtuz bizitza bera, kapitalismo berria bera: "Etxe lerrokatuak, etxe lerrokatuak,/ etxe lerrokatuak./ Karratuak, karratuak, karratuak,/ etxe lerrokatuak./ Jendeak karratua du ja arima,/ ideiak lerrokatuak/ eta angelua bizkarrean". Eta gorputza ere bihurturik guda zelai, Stornik kantatu zion amodio ez-erromantikoari, ez-arrosari, baizik eta natural eta, finean, klasikoari: "Hara non harrapatu hindudan lepotik, [Eros]/ itsasertzean, hire buirakako geziak/(…)/ eta urrezko txirriketan ondo bildurik/ lakio bat kausitu nian, zioena: sexua". Modernista bihurtzen du honek guztiak Alfonsina Storni? Esateko modu bat da. Storni desaktibatzeko modu bat da. Lapitza, berari "kanoi txiki eta sendoa" iruditu zitzaion hori, erabili izan da esateko Alfonsina Storni neurosiak jotako izaki sentibera modernista izan zela, ardi galdua arean, puri-purian zegoen Argentina hartako beste ikono bat. Suizidioa ere horrelaxe: 1935ean minbizia diagnostikatu zioten, eta Mar del Platan ozeanora burua botata hil zen. Egin daiteke hortik idolatria bat, oharra eta guzti utzi zuen-eta. Edo lot daiteke Horacio Quirogaren heriotzarekin bere heriotza, matxismo ariketa bat gehiago eginez. Edo esan daiteke, hobe, bizitza bakoitzarena dela sinesten zutenetakoa zela, eta liburu eder hau irakurri bere osasunean, irakurtzen diren bezala libertadore handien obrak.
news
argia-25e7c7c41a64
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/militarren-gerra-berrien-biktimak-artatzen-ikasi-beharko-dute-medikuek.html
Militarren gerra berrien biktimak artatzen ikasi beharko dute medikuek
Pello Zubiria Kamino
2017-05-21 00:00:00
Militarren gerra berrien biktimak artatzen ikasi beharko dute medikuek Gatazka-Medikuntzaren Biltzarrak bildu ditu Beiruten munduko baina batik bat Ekialde Hurbileko ehunka mediku, erizain, osasun funtzionario eta GKEetako aditu. Helburua: medikuntza eta larrialdietako egitura, profesional eta boluntarioen plan eta teknikak egokitzea arma eta gerra estrategia berriek eragindako osasun kalteetara. Munduaren eremu handiak bizi dira gerra perpetuoan murgildurik eta hauek jendeei eragiten dizkieten zauriak ezin artatu gerraren ekologia ulertu barik. Libanon behar zuen, non bestela. Inon baldin badakite nolakoak diren hondamendi militar modernoak, Beiruten da. AUBMC Unibertsitate Amerikarraren ospitale eta medikuntza fakultateak lan handia egin du Ekialde Hurbileko azken ehun urteko gatazkek eragindako kalteak artatzen. 1982ko gerra zibilak eta Israelgo armadaren inbasioak Libanon hamasei urtetan 250.000 heriotza eta milioi bat zauritu eragin zituenean "gatazkaren alde guztietako biktimak artatu genituen, horrela garatuz esperientzia handia gerrak eragindako zaurien kudeaketan", diote harro erakundeko arduradunek. 2003an Irakeko inbasioa eta osasun sistema osoaren suntsiketa iristean, AUBMCra jo zuten gerrak gaixotu eta zauritutako milaka irakiarrek. Berrikitan Siriako hondamendia lehertu zenean, horko biktima asko ere heldu dira Beiruteko ospitaleraino. Beiruteko hitzaldia k entzutera joatekota barrenak gogortuta eraman beharra zegoen, izenburu larriek iradokitzen dutenez. Gerra kimikoaren eragin akutu eta kronikoak. Hondamendiei erantzuten: gerren arteko ezberdintasunak. Leherketek eragindako zauriez tailerra. Masan zaurituen artatzea larrialdi zerbitzuetan. Hemorragien kontrola gerran, Irak eta Afganistanen ikasi duguna. Bolondresak gatazketan: noiz esan behar dute ezetz. Gatazkako medikuntza eta gerraren ekologia... Biltzarrean egon diren doktore ospetsuen arteko bik, Ghassan Abu-Sittah zirujau palestinarrak eta Omar Dewachi epidemiologo libanoarrak 2015ean beste batzuekin batera zabaldu zuten Conflict-Medicine manifestua, MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen babesean: "Manifestuarekin nabarmendu nahi dugu hobeto ezagutu beharrean gaudela zaurien eta ber-zauritzeen dinamikak, aldatzen ari den gerraren ekologiaren baitan". Irak, Siria, Libia, Yemen eta abarretan ikusi denez, gerrak gero eta gehiago hirietan gertatzen dira, honek dakarrela biktimen ugaritzea gudarien bezala zibilen artean. Funtsean lausotzen ari da gudari eta zibilen arteko bereizketa, eta jasandako zauriak ere gero eta berdintsuagoak dira. Horregatik dira mugatuak eta desegokiak zaurituei eskaintzen zaizkien laguntzak, gerrarekin  hondatuta geratu direlako –sarritan espreski planifikatuta– osasun azpiegiturak. Gerra aldatzearekin aldatu dira zauriak, baina horiek artatu nahi dituzten medikuen ahalmena ere murriztu da. Gainera, errefuxiatuen krisi eta leku aldatze masiboek are gehiago konplikatzen dute lana, auzoko herrialdeen osasun sistemek egin behar baitute iheslari kopuru handien kargu. Arma berrien zauriak artatzeari dagokionez, militarrek –haiek sortu eta probatuak baitira armak– bai garatu dituzte kalteok beren kanpainako ospitaleetan tratatzeko aurrerapenak; aldiz, gerra berrietan zauritu gehienak zibilak izan arren teknika horiek ez dira iritsi ospitale zibiletaraino eta hauek oso esperientzia gutxirekin egin behar diete aurre gero eta osagai bio-psiko-sozial konplexuagoak dauzkaten zauriei. Baina hori ez da dena. "Gerrak aldatzen du biosfera, alegia, azpiegitura fisikoak eta jendea bizi den ingurumen biologiko eta soziala. Gerrak dakartzan suntsiketa eta aldaketak sarritan konponezinak dira eta epe luzerako ondorioak dauzkate pertsonengan eta gizartean". Gerrak bere ekologia sortzen du, eta horren barruan birus eta bakterioek ere ez dute berdin jokatuko. Gerra bakoitzak bere ekologia Ghassan Abu-Sittah zirujauak elkarrizketa batean azaldua du gerraren ekologia ulertzearen garrantzia. Gaurko gerrek ez baitute zerikusirik antzinakoekin. Napoleonen garaietan, XIX. mendean, bi armadak egiten zuten talka, gehien bat frontean, elkar eraso, elkarri tiro egin eta elkar hiltzeko. Zauritu gehienak gudariak ziren eta ospitale militarretan artatzen zituzten. Orduan sortua da gerrako medikuntza. Aldiz, gaur Ekialde Hurbilean ikusten ditugun gerrak ez dira gudu klasikoen antzera hasi eta bukatzen direnak, beren fronte, intentsitate eta iraupenekin. Gaurkoak luzatzen dira jendea bizi den ingurumenaren ekologia aldatzeko adina. Gerrako ekologia sortzen dute. Ekologia berezi horrek gero iraun egingo du armen tiroak isildutakoan ere, jendearen ingurumena aldatuz. Jendeak eraso militarretan jasandako zauri fisiko, psikologiko eta sozialak, are gehiago gaiztotzen dira ingurumen eraldatu horietan. Adibide bat daukagu botikekiko erresistenteak diren mikrobioekin. Mundu osoko ospitaleetako kirofanoetan baldin badira arazo, pentsa gerrak suntsitutako ingurune batean. Abu-Sittah doktorearen kalkuluetan, Irakeko gerran zauritutakoen %85ek dauzka botikekiko erresistenteak diren bakteriak soinean, eta Sirian zauritutakoen %70ek. "Gerrako ekosistema honek, gatazka batek sortzen duen biosferak, bakterioengan DNA mailako aldaketak ere eragiten ditu. Zenbait teoriaren inguruan ari gara lanean. (...) Beraz, zure biosfera, zu gatazka batean bizi zaren burbuila ekologiko hori, eten gabe doa aldatuz. Eta ez da desagertuko bonbak isiltzen diren egunean ere. (...) Dena aldatzen da: bakterioak, ura, uraren zikloak, hondakin toxikoak, jendeen gorputzen erreakzioak... Ikusi ditudan gaixo irakiar askoren familietan senide asko daude zaurituta". Txirotasuna ere ekologia honen osagaia da. Eraso batean zauritutako gorputz bat erizainak saiatzen badira sendatzen gerrak degradatutako leku batean, gorputzak bigarren eta hirugarrenez zauritzen dira. Siriaren kasuan, gudu zelaietatik urrun ere gertatzen da, esaterako errefuxiatuen kanpalekuetan, non aterpeetan nozitzen den jende pilaketagatik haurren artean erredura kopuru harrigarriak gertatzen baitira. Osasun azpiegitura gehienak suntsitzeak eragiten du kontrolatzeko moduko gaixotasunak artapenik gabe geratzea: minbizia edo diabetes larria nozitzen dituzten gaixoek zein tratamendu onkologiko edo dialisi jarraitu dezakete Siria, Libia edo Yemenen? Armaz zaurituta ez egonagatik, ez dira gerraren biktima? Eritasun mentalen artapena ere berrantolatu beharra dago krisi iraunkor horietan, gerraren eta traumaren ondorio psikikoek ez dute eskuliburuetan bezala funtzionatzen gatazkak belaunaldiz belaunaldi kronifikatu diren eremuetan. Gerra berriengatik, munduko leku asko betiereko gerran daude. Perpetual war . "Ez da bukatzen. Etengabe dirau. Ez da krisi kontua, gu hitz horren kontra gaude. Hemen ez da arbitrorik txistuarekin krisi baten amaiera iragartzen duenik. Kamerek alde egitean, lehenik hedabideek eta gero munduak erabakitzen dute krisi bat fini dela".
news
argia-af4128111066
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/lehoia-eta-otsoa-aurrez-aurre.html
Ezagutzen al dituzte umeek bertako animalia arruntenak?
I�aki Sanz-Azkue
2017-05-21 00:00:00
Ezagutzen al dituzte umeek bertako animalia arruntenak? Cambridgeko Unibertsitateak 2002an egindako ikerketaren arabera, Erresuma Batuko Lehen Hezkuntzako ikasleek Pokemónen pertsonaia gehiago ezagutzen zituzten inguruko animaliak eta landareak baino. Urte berean, Suitzan, 6.000 gazteri egindako galdetegian, batez beste euren inguruko 6 animalia baino ez zituzten izendatu. Costa Rican, ikasleek gehiago ezagutzen dituzte kanpokoak diren landareak ingurukoak baino. Eta Euskal Herrian hiriburuetako ikasleek sabanako edo oihan tropikaleko animalia gehiago ezagutzen dituzte bertakoak baino. Munduan naturari buruzko ezagutza belaunaldiz belaunaldi gainbehera doan heinean, hainbat ikerketak ohartarazi du ezagutza ezak bioaniztasunaren kontserbazioan eta, beraz, gizakiaren ongizatean eragin zuzena izan dezakeela. Honi aurre egiteko bidea, garbi dute: hezkuntza da etorkizuna. Erreportaje honetan bildu ditugu Euskal Herrian ikasleen artean egin den ikerketaren emaitzak. Gizartea hiritartzeak ekarri du umea-natura erlazioaren haustura XX. mendean, Euskal Herriko paisaiak eta honekin batera gure bizimoduak, sekulako bilakaera izan dute. Baserriz osaturiko eta naturaz inguratutako herri txikietatik, Euskal Herri askoz urbanoagora egin dugu salto. Gizartearen hiritartze hau mundu osoan ari da gertatzen. Hau dela eta, naturan bizi eta natura bizi izatetik, naturarekin apenas kontakturik gabe bizitzera igaro gara denbora gutxian. Mundu mailan egindako hainbat ikerketak adierazten duenez, naturarekin kontaktu gutxi izanaz bizitzeak eragin du ingurumenaren ezagutza-maila nabarmen jaistea belaunaldi berrietan. Esaterako Finlandian, herrialde baltikoetan, Suitzan, Hego Amerikan zein Ipar Amerikan azken bi hamarkadetan egindako ikerketak ondorio berera iritsi dira: herritarrek naturari buruz duten ezagutza murriztuz doa. Ezagutza horren barruan daude gure inguruko animalia, landare zein onddo arruntenak identifikatzea, hainbat prozesu biologiko interpretatzea edo naturako oinarrizko kontzeptuak ulertzea, adibidez, bioaniztasuna. Mundu mailako arazo honen aurrean zaila da pentsatzea Euskal Herria irla bat denik. Baina ikerketarik ezean, emaitzak ere ezin igarriko ditugu. Hori dela eta, ikasleek bertako animaliekiko duten ezagutza neurtzeko eta naturari buruz duten iritzia jakiteko ikerketa-lerro bat sortzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaigun lan-taldea osatzen dugunoi. Beraz, aurreneko ikerketa diseinatu eta burutu da 2016-2017 urteetan: Euskal Herriko hainbat eskolatan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. mailako 1.000 ikasle inguruk galdetegi bat bete dute. Jarraian azalduko ditugu, ikerketan jasotako emaitzak:     Animalia basatien ezagutza: Bertako edo kanpoko animaliak, zein dituzte gure ikasleek buruan? 1.000 ikasle baino gehiagok erantzundako galdetegietan 9.540 animalia basati izendatu dituzte, guztira 240 animalia-espezie. Galdetegietan jarri dituzten animalien artean, gehiago izan dira aloktonoak (%57) eta gutxiago autoktonoak (%43). Egungo gazteek duten naturarekiko kontaktu faltak bertako faunaren ezagutza baxuagoa eragiten duela izan daiteke emaitza hauen arrazoia. Bestalde, egungo testu-liburu, umeentzako liburu, marrazki bizidun eta dokumental askok animalia aloktonoak erabiltzen dituzte hainbat kontzepturen azalpenak emateko, eta LHo ikasleekin Frantzian egindako ikerketa baten arabera, internet eta telebista dira espezieen ezagutzaren oinarri handi bat egungo gizarte hiritartuan. Teknologiek, ordea, umeek naturarekin zituzten esperientzia zuzenak murriztu dituzte. Joera honek etorkizunera begira arazoak sor ditzake umeek bertako bioaniztasunari baino kanpoko espezie birtualei eman diezaieketelako lehentasuna. Lehoia eta otsoa aurrez aurre Bertako eta kanpoko espezieen artean nabarmena da animalia batzuek galdetegietan duten presentzia (ikus koadroa). Espezie aloktonoen artean, esaterako, "lehoia" eta "tigrea" dira gehien izendatu direnak, Costa Ricako landa gune bateko ikasleen artean egindako ikerketaren emaitzekin bat eginez. Hauen atzetik datoz "elefantea", "marrazoa" eta "krokodiloa". Gure animalien artean, "otsoa" da ezagunena eta atzetik datoz "basurdea", "hartza", "azeria" eta "arranoa". Aipaturiko animalia ia guztiek badute halako "handitasun" eta "arriskutsu" kutsua, gazteak erakartzen dituena. Stokesek mundu mailan eta Kellertek Islandian egindako ikerketen arabera, espezieen identifikazioan garrantzia duten faktoreak izan ohi dira arrazoi "estetikoak", "kulturalak" eta "gizakiarekiko antzekotasuna". Arreta deitzen du, bestalde, autoktonoen barruan gehien izendatzen dituztenen artean dagoeneko Euskal Herrian ia desagertuak diren bi animalia egotea: "otsoa" eta "hartza". Dudarik gabe, espezie hauen sinbologiaren indarrak eta hainbat liburu eta ipuinetan duten protagonismoak ere bere eragina izango zuten. Galdetu bestela Txanogorritxuri… Herri txiki, bertako ezagutza handi Boliviako Amazonasen egindako ikerketa batean atera zuten ondorioaren arabera, landa eremuko herri txikietan bertako ingurunearen ezagutza handiagoa da. Euskal Herrian gauza bera gertatzen den jakin nahian, biztanle kopuruaren arabera bost kategoriatan banatu ziren ikerketan parte harturikoak. Honela, jatorriaren arabera izendaturiko bertako animalia eta kanpokoen artean alderik izan den jakin nahi izan da: hiriburuetako ikasleen eta 5.000 biztanletik behera dituzten herrietako ikasleen artean animalia aloktonoak eta autoktonoak izendatzeko orduan aldea estatistikoki nabarmena da, herri txikietan bertako espezieekiko dagoen ezagutza handiagoa da. Gainontzeko biztanle kopuruen artean ez dago ezberdintasun nabarmenik.     Ugaztunak nagusi, artropodoen lurraldean Zerrendatutako espezieen artean ugaztunak dira aipatuenak, izendatzen diren animalia guztien %73 dira. Atzetik datoz hegaztiak (%9), narrastiak (%8) eta arrainak (%5), bai animalia aloktono, bai animalia autoktonoak batuta. Azkenak dira animalia ornogabeak, %3 baino ez. Hortaz, 20 espezie izendatuenen artean ere 17 ugaztun daude, hegazti bakarra eta bi narrasti. Artropodoak ez dira ageri. Gure emaitzek bat egiten dute mundu mailan egin diren hainbat ikerketarekin, non ugaztunak diren animalia ezagunenak, hegazti eta artropodo edo zomorroen aurretik, nahiz eta azken hauek izan aniztasun handieneko taldea gure lurraldean. Zomorroen lurraldean, ugaztunak dira nagusi ikasleen artean. Espezieen talde taxonomikoak ikasleen sorlekuarekin kontrastatzen ditugunean estatistikoki esanguratsuak diren zenbait joera behatu ditzakegu. Esaterako, herri txikienetako ikasleek narrasti gehiago aipatzen dituzte hirietakoek baino. Artropodoen kasuan, ostera, kontrakoa beha daiteke. Amaitzeko, deigarria da baita ere, aipatzen dituzten espezie guztien artean gehientsuenak baso epeletakoak direla (%39) baina sabanako animaliek (%30) ere presentzia handia dutela gure ikasle gazteen "animalia basati" kontzeptuan. Kasu honetan ere, esanguratsua da herri txikietakoek baso epeletako animalia gehiago ezagutzen dituztela hiriburuetakoek baino. Hiriburuetakoek, bestalde, sabanako eta oihan tropikaleko animalia gehiago aipatzen dituzte. Gure ikasleek animaliekiko eta landareekiko interesa dute Naturan dauden animalia eta landare ezberdinekiko duten interesagatik galdetuta (ikus koadroa), ikasleen %51ek interes handia edo oso handia duela dio. Txikia edo oso txikia, ordea, %9ak baino ez. Honek adierazten du hainbat ikerketekin bat eginez, ume zein gazteek badutela naturarekiko berezko interesa. Hori bai, ikerketek diotenez adina aurrera doan heinean naturarekiko atxikimendua gutxitu egiten da. Beraz, ahalik eta lehen hasi natur gaiak lantzen, orduan eta hobe. Animalia edo landareek, nortzuk pizten dieten interes handiena galdetzean,  animalienganako hautu garbia egiten dute gehienek (%76) eta landare eta animaliekiko (%17) beste batzuek. Bakarrik landareenganako interesa %3k baino ez du adierazi. Honek mundu mailan publikazio askok dagoeneko baieztatzen dutena Euskal Herrian ere ematen dela erakusten digu: Plant blindness edo landareekiko itsutasuna nabaria da gure ikasleen artean. Unitate didaktiko berria: Zoologoak gara! Ikerketa honen egileek, eskola guztietan ezarri ahal izateko moduko unitate didaktiko bat diseinatu dute, naturarekiko ezagutza handitzeko proba moduan, eta Irungo El Pilar Ikastetxeko DBH1eko 60 ikasleekin aplikatu eta eraginkortasuna ebaluatu dute. Unitate didaktikoari esker, DBH1eko edukietan dagoen "ornodunen gaia"ren eduki nagusiak emateaz gain, ikasleen artean bertako espezieen ezagutza sustatu da, baita espezie hauen bizimoduak, bizilekuak eta arriskuak landu ere. Lorturiko emaitzek garbi erakusten dute unitateak bertako eta kanpoko espezieen artean zegoen balantzari bira emateko balio izan duela. Unitatea burutu aurretik ikasleek izendatzen zituzten espezie aloktonoen ehunekoa %62koa zen. Autoktonoena, aldiz %38koa. Unitatea burutu ostean, ordea, autoktonoen kopuruak gora egin zuen %57raino, aloktonoen kalterako (%42) noski. Datuek bezainbesteko garrantzia dute, ordea, unitatea egin ostean ikasleek adierazi dutela bertako animaliekiko duten interesa hazi egin zaiela eta naturaren kontserbazioan eta honen aldeko ekintzetan parte hartzeko borondate gehiago dutela. Gure bioaniztasunaren alde, zer egin dezakegu eskoletan? Unescok 2012an adierazi zuen bezala edo 2009ko Convention of Biological Diversity-n aipatu zen moduan, bioaniztasunaren kontserbaziorako ezinbestekoa da hezkuntza munduaren parte-hartzea eta inplikazioa. Europako hainbat herrialdetan eginiko ikerketek ondorioztatzen dutenaren arabera, ikasleek ez ezik, irakasle izateko bidean direnek eta egun irakasle direnek ere bertako faunaren eta floraren ezagutza oso urria dute. Ipar Europan egindako ikerketan, irakasle-gai direnen artean espezie arrunten ezagutza maila oso baxua da (%3k baino ez zituen bere inguruko espezie arrunt guztiak ezagutzen) eta azken 20 urteetan irakasleen artean ere ezagutza asko murriztu da. Deigarria da, ordea, ikerketa hauetan bertan, irakasleek "bioaniztasuna" oso kontzeptu garrantzizkotzat jotzeaz gain, eurentzako formazioaren beharra ere ikusten dutela. Irakasle profesionalen artean bertako espezie arruntenen identifikazioa eta ezagutza lantzea ezinbestekotzat jotzen dute fenomeno ekologikoak eta bioaniztasuna ulertu eta ikasteko. Euskal Herrian ere, bertako faunaren eta floraren, eta orokorrean bioaniztasunaren ezagutzari loturiko irakasleentzako oinarrizko eta etengabeko formazioa izan daiteke etorkizunera begirako lehendabiziko pausua. Izan ere, biodibertsitatearen ezagutza eta bere kontserbazioa jasangarritasunerako oinarrizko bidea da. Hezkuntzak oso paper garrantzitsua joka dezake gure ikasleak euren etxe inguruetako ekosistema, fauna, flora, mikroorganismo eta orokorrean bioaniztasunaren eta garapen jasangarriari buruzko gaietan trebatu eta hezterako orduan. ZERGATIK DA GARRANTZITSUA BIOANIZTASUNA EZAGUTZEA? Bioaniztasuna edo biodibertsitatea, gure planetan dauden gene, espezie eta ekosistemen aldaerek eta aldakortasunek osatzen dute, baita euren artean sortzen diren erlazioek ere. Bioaniztasunak berak kalkula ezineko onurak, zerbitzu ekosistemikoak deritzogunak, ematen dizkio gizakiari: elikagaiek, urak, polinizazioak, hainbat hondakin toxikoren neutralizazioak zein arnasten dugun oxigenoak berak erlazio zuzena dute ekosistemen aniztasunarekin, bioaniztasunarekin. 1980ko hamarkadatik hona egindako hainbat ikerketak ondorioztatu du gizakiaren ongizatea zuzenki loturik dagoela bioaniztasunarekin.     Kenian egindako esperientzia batek erakusten digu, ordea, egungo ikasleei eskolan irakasten zaizkien "bioaniztasuna" edo "garapen jasangarria" bezalako hitzak guztiz abstraktuak zaizkiela, naturarekin kontaktuan dituzten esperientzia urrien erruz, euren egunerokotasunetik urruti geratzen direlako bi kontzeptuok. Umeek ez badute naturarekin harremanik, nola ezagutuko dute bada gure inguruan dituzten ekosistema ezberdinen eta faunaren eta floraren aberastasuna?     Zentzu honetan, Suitzan egindako ikerketa batek kezka sortu du, gazteen %60ak adierazi baitu "bioaniztasuna" hitza ez duela inoiz entzun. Aditu askoren ustez, bioaniztasuna ezagutzeak etorkizuneko garapen jasangarriarekin eta gizakiaren ongizatearekin duen lotura ikusita, honi loturiko kontzeptuen transmisioa ezinbestekoa da. Transmisio horretarako lekurik hoberena zein den ere adierazten dute: hezkuntza.     Bioaniztasuna lantzeko eskola barruko esperientziek eragin positiboa izan dezakete 2006an The Journal of Environmental Education-en publikaturiko ikerketak dioenaren arabera, esaterako, 13-14 urteetako ikasleengan 7,5 ordutik gorako eskolak emanez. Ikerketa gehienek bat egiten dute, ordea, orokorrean naturaren eta zehatzago bertako faunaren ezagutzarako metodorik onena txikitatik naturan bertan izandako esperientziak bizitzea dela. Naturarekin kontaktua sustatzea eta eskolaz kanpoko esperientzia zuzenak izatea jotzen da metodo egokiena.     Suedian eginiko ikerketa baten arabera, esperientzia horiek, bioaniztasuna positiboki ikustea eragiten dute eta animalia eta landareen ezagutza eta hauen bizi-ziklo eta biologiari buruzko ideia gehienak modu askoz errazagoan barneratzen dira. Izan ere, ezin da bioaniztasuna ulertu animalien identifikazio eta hauen biologiari buruzko oinarrizko ezagutzarik gabe. Bertako espezieak ezagutzen ez dituen ikasleak nekez ulertuko du bioaniztasuna zer den eta kostata kontserbatuko du ezagutzen ez duen zerbait. Hau dela eta, egungo ikasleek, etorkizunean Euskal Herria kudeatuko dutenek, bertako espezieen identifikazio-maila eta ezagutza-maila oinarrizkoa izatea ezinbestekoa da, bai Euskal Herriko bioaniztasunaren kontserbaziorako, bai gizakiaren ongizaterako ere.   IKERKETAK JARRAITU DUEN METODOLOGIA Euskal Herriko hainbat eskolatan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. mailako 1.000 ikasle inguruk galdetegi bat bete dute. DBH1eko curriculumaren arabera ikasleek ezagutza horren jabe beharko luketenez eta galdetegia modu egokian erantzuteko autonomia ere badutenez, lagin egokia dira ikerketa burutu ahal izateko. Ikerketa hiru adar nagusitan banatu da: 1. Animalia basatien ezagutza. Ezagutzen dituzten 10 animalia basati izendatzeko eskatu zaie ikasleei eta zerrendatzen dituzten animaliei buruzko informazioa aztertzeko: espezieen sorlekua, bioma eta klasifikazio taxonomikoa. Emaitza hauek ikaslearen jatorrizko herriaren biztanle-kopuruarekin alderatu dira, herriaren neurriak ezagutzan eraginik baduen ikusteko. 2. Naturarekiko eta animaliekiko interesa. Hainbat galdera itxi jarri dira ikasleek animaliekiko eta naturarekiko duten interesa eta naturaren kontserbazioari loturiko informazioaren berri jasotzeko. 3. Unitate Didaktiko berri bat diseinatzea. DBH1eko "animalia ornodunak" gaia erabiliz unitate didaktikoa burutu zen, curriculumak eskatzen dituen helburuak betez eta gaiari dagozkien eduki guztiak emanaz. "Arazoetan oinarritutako ikaskuntza" metodologia erabili zen, eta ikasleek jarri zitzaien "arazo erreal" bati erantzuna eman behar zioten. Testuingurua honakoa zen: "Animaliak ikertzen dituen zoologo taldea zarete eta kongresu batean animalia jakin bati buruzko hitzaldia eman behar duzue". Talde kooperatiboetan lan eginez, animalia ornodun jakin bati buruzko hitzaldia eman behar izan zuen ikasle bakoitzak, teknologiak erabiliz. Osatutako aurkezpenak bildu eta apunte gisa erabili zituzten ikasteko eta ondorengo azterketa egin ahal izateko.
news
argia-1cf5189f73f9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2554/ezkerra-bidegurutzean.html
Ezkerra bidegurutzean
Gorka Moreno M�rquez
2017-05-21 00:00:00
Ezkerra bidegurutzean Azken hamarkadetan ezkerraren barruan gertatzen ari dena "iraultzailea" da. Bere baitan topa dezakegun perfil soziologikoen arteko aurkakotasuna oso nabarmena da. Alde batetik, balio posmaterialistetan –labur esanda: feminismoa, ekologismoa, arrazakeriaren aurkakoa eta abar– oinarritzen den taldea dugu, gehienetan klase ertainetan kokatzen dena eta egoera sozioekonomiko eta ongizate altua duena. Bestetik, globalizazioaren galtzaileak ditugu, jende prekarioa, askotan langile arruntak, azken urteetan euren egoera okerrera egin duela sumatzen dutenak eta gizarte zaurgarritasunean daudenak. Nolabaiteko neurotikoen koalizio baten aurrean gaude. Izan ere, gehienetan batzuen eta besteen ikuspuntuek ez dute bat egiten, eta sarritan kontrajarriak dira hainbat gaietan. Immigrazioaren edo errefuxiatuen gaien kudeaketa adibide ezin hobeagoa da, baina ingurumenaren arloan edo beste zenbait kasutan oso nabarmen ikus daiteke kontrakotasun hori. Bestera esanda, historikoki ezkerraren eremu ideologikoan kokatu diren langileak ditugu; bestetik, azken hamarkadatan gizartean gorantz egin duten langile hauen seme-alabak dira. Bi talde oso ezberdinak, baina eremu ideologiko berekoak. Frantziako hauteskundeak errealitate honen adibide hobezina izan dira. Marine Le Pen ultraeskuindarra eta Emmanuel Macron zentrista bigarren itzulian lehiatu dira. Gainontzeko alderdiek lehenengo egunetik Macronen alde egin dute, batek izan ezik. France insoumise mugimendua, botoen ia %20 lortu duena, tarteko ekidistantzia mantentzen saiatu da. Frantzian eman diren azterketa soziologikoen arabera, langile galtzailearen botoa Frantzia Intsumisoa eta Fronte Nazionalaren artean banatu da lehenengo itzulian. Lehenengo mugimendu politikoaren buru Mélenchonek oso ondo daki hori eta ez du esparru soziologiko hori libre utzi nahi izan Le Pen-entzat. Hautua nahiko zalantzagarria ere bada, epeltasun honen bidez Le Penen nolabaiteko legitimazioa eman delako eta orain arte eman den harresi demokratikoan zirrikituak agertu direlako. Mugimendu taktikoak alde batera utzita, errealitate horrek eskema tradizionalak erabat leherrarazi ditu. Testuinguru horretan ezkerrak ez du batere garbi zer bide jarraitu, eta hartzen duena, bata edo bestea izan, beti galtzaile aterako da. Orain arte bezala, klase ertain aurrerakoien ikuspuntua soilik defendatuta, ultraeskuinarentzat hauteskunde autobidea irekitzen zaio, Frantziako Alderdi Sozialistaren (PS) emaitzak begiratzea baino ez dago. Baina, jende prekarioaren alde eginda ultra-eskuinarekin lehia zuzenean sartzen da eta zenbaitetan ezkerrean oinarri izan diren balore batzuen aurrean kokatuko lirateke.
news