id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-6108458742b4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/espetxeaz-dugun-irudia-ez-dator-bat-hango-egunerokotasunarekin-askoz-okerragoa-da.html
"Espetxeaz dugun irudia ez dator bat hango egunerokotasunarekin, askoz okerragoa da"
Saioa Baleztena
2018-03-11 00:00:00
"Espetxeaz dugun irudia ez dator bat hango egunerokotasunarekin, askoz okerragoa da" Kazetaria, dokumentalista eta antzezlea da Txell Bonet (Bartzelona, 1975). Ausardia eta borroka ditu bidelagun eta dioenez, artea salaketarako lanabes du. Duela lau hilabetetik, hamar hilabeteko semearekin batera, asteburuetan Soto del Real kartzela izaten du helmuga, bere bikotekide Jordi Cuixart matxinada eta sedizio delituak egotzita espetxeratuta baitute. Gràcia auzoko Teatre Llliure antzerkian parte hartu duzu. Errepresioa salatzen du antzezlan horrek. Nola joan da? 'En procés' antzezlanaren bitartez, Txell Bonet gorpuztu asmoz, casting batean izena eman duen aktore alternatibo bat izan naiz. Gai naiz agertoki batera igo eta banaketa hori egiteko, beraz, erabat bereizi dut nire errealitatetik. Aspaldi ikasi nuen antzerkigintza egia bat esateko fikzioa den heinean, agertoki gainean aktoreok kanal hutsa garela. Ikusleak adierazpen bat ikus zezan nahi nuen nik, baina saiatu arren, zaila izan da jendeak nire baitan Txell Bonet ez ikustea. Jende anitzek Jordi Cuixarten bikotekidea izanagatik ezagutu bazaitu ere, ibilbide luze eta aberatsa duzu bizkarrean. Bai, konturatu gabe, norbaiten emaztea izatera pasa naiz. Nik lasaitasunez daramat, ez baitut beldurrik Cuixarti lotzeagatik. Ez dut nortasun galerarik. Are gehiago, normala iruditzen zait, eta egoera hain da salbuespenezkoa nik azala utziko dudala, ez bakarrik, preso politikoak aske gelditzeko, baizik eta 155. artikuluaren aplikazioa amaitzea nahi dudalako. Uneotan, errepresioa azalean bizitzen ari naizelako agertzen naiz komunikabideetan, baina nire betiko borrokaren beste etapa bat besterik ez da hau. Zorionez, Cuixartek eta nik, errespetuz eta babesa emanez, beti lagundu ditugu elkarren arteko bideak. Urriaren 16ko gauan goibeldu zen Katalunia, Carmen Lamelak Jordiak espetxeratzea erabaki zuenean. Eguna telebistaren aurrean pasa nuen, albistegiak jarraitzen. Aitortu behar dut auzitegitik pasa ziren guztiak, Trapero kasu, kautelazko neurriekin aske utzi zituztenez, Jordiak ere etxera itzuliko zirela pentsatzen nuela. Edozein modutan nire burua prestatu nuen, kolperen bat etor zitekeelako, eta indartsu egon behar nuelako. 22:00ak jota, albistea ezagutu eta minutu gutxira, balkoira atera nintzen, auzoko eltzekadak grabatzera. Ondoko apartamentu turistikoan zeuden finlandiarrek galdegin zidaten, zer gertatzen zen. Ez nintzen senarra giltzapetu berri zutela aitortzera ausartu, eta hiritarrak Espainiako Estatuaren kontra zeudela aipatu nien. Tira, une hartan erabakiak ez ninduen ezustean hartu, harrigarria dena da lau hilabete luzeren ondotik preso jarraitzea. 140 egun baino gehiago daramatza Cuixartek espetxeratuta. Zer moduz zaudete? Indartsu gaude, osorik, badakigu geldirik mantenduz gero ezingo ditugula gauzak aldatu. Beraz, 100 ate jota agian baten bat irekiko dela pentsatuz, etengabe ari naiz mobilizatzen. Emozionalki Jordi eta nire artean konexio berezia dago, testuinguruaren kontra borrokatzen jarraitzeko lagungarria dena. Hori energia iturria da niretzat. Baina, errealitatea oso gogorra da, batez ere isolamenduagatik. Egoera luzatzen ari da, eta gure semearen lehen urtea lapurtu izana ez digu inork itzuliko. Sakrifikatzen ari gara eta, espero dut, erabat ez egitea. Argazkia: Jordi Borràs Hamar hilabeteko semetxoa duzue. Nola eragin dizue espetxeratzeak zentzu honetan? Sentipen ezkorrak ez jaurtitzen ahalegintzen naiz. Bizitzan gertatzen zaizkigun pasarteak ez daude gure esku, baina aldiz, gure esku dago horiei aurre egiteko modua. Agian alboan dugun familia horrek ez du dispertsio fisikorik, baina ezin urrunduago daude mugikorra begira daudelako. Agian gure testuinguruak balio du, Euskal Herrian aspaldi nozitu duzuen dispertsioa gure azalean pairatu eta salatzeko. Zigorrak motibodunak direnean ere, eta espetxea beste mende bateko lanabesa dela kontuan hartuta, familiei erraztasunak jarri behar zaizkie. Tira, ez dut nahi nire semearentzat bere aita ezezagun bat izatea. Eta krudeltasun hau 20 astez adorez eusteak, ez du egoerak berezkoa duen ankerkeria kentzen. Astebururo joaten zarete Soto del Real espetxera. Nire semeak 10 hilabete bete berri ditu, 25.000 km daramatza bizkarrean. Denbora, diru eta energia galera da, nik beste edozein kausarako bideratuko nukeena. Espetxeaz dugun irudia ez dator bat hango egunerokotasunarekin. Askoz okerragoa da errealitatea. Nik bati baino gehiagori gomendatu diot Estremera edo Soto del Realgo espetxeak bisitatzera joatea: joan-etorriak eta presondegi barruan egoteak aldatzen du espetxeaz duten irudia. Ariketa interesgarria da. Abenduaren 21eko hauteskundeen atarian batek baino gehiagok uste zuen presoak aske geldituko zirela. Hilabeteak aurrera doaz, aldiz, eta ez dago berririk. Egoera askotatik pasa gara, denbora aurrera doan heinean zailagoa da testuingurua. Urriaren 1eko kargen gogortasunaren ondotik uste genuen, Jordien atxiloketa zuzenbide estatuaren mugak kontrolatzeko arazoaren beste ondorio bat zela, baina egoera baretuko zela, noski. Irakurketa hori zailtzen da, hilabeteak igarotzen diren heinean: argi dago baretzetik urruti, arrokatzen ari dela. Baina ezin dugu itxaropena galdu. Bartzelonako Udalak pasa den astean dispertsioa salatu eta preso politikoak gerturatzeko ekitaldia antolatu zuen. Zubiak eraikitzea ezinbestekoa da eta ezin hobeki ikusten dut, askotariko ñabardurak dituelako. Batetik, 41 zinegotzietatik 29k salatu zuten atxiloaldi prebentiboa, eta beste hainbat ordezkari sindikal eta elkarterekin batera eskatu zuten preso politikoen gerturatzea. Ekitaldi horrek agerian uzten du gauzak ez direla beti beltzak edo txuriak, eta bakoitzak, bere aukeren barruan, lan egiten duela bere ekarpena egiteko. Agian baten batek ez du begizta horia janzten, baina gaiaren inguruan idazten du, Jordi Évolek bezala. Ez dago laguntzeko modu bakar bat bakarrik. PSCk aldiz ez du Bartzelonako Udalaren eskaria babestu. Zer deritzozu? Bestearen azalean jartzeko enpatia gaitasun erraldoia dut, eta seguruenik nahiko nuke tarteka besteak ere nire azalean jartzea. Baina, PSCren erabakiari dagokionez, esango nuke ez direla eroso sentitu eskaria Barcelona en Comúk proposatu duelako. Ezin dugu ahaztu duela hilabete gutxi eten zuela Colauk PSCrekin zuen gobernu ituna 155. artikulua babestu izanagatik. Hala ere, baikorra naiz, agian etorkizunean eroso sentituko dira salaketa hori elkarte independente batek proposatzen badu. Eurek onartu dute atxiloaldi prebentiboa neurrigabea dela, eta seguru nago salaketa hori egiteko beste moduren bat aurkituko dutela. Behin baino gehiagotan azpimarratu izan duzu, garrantzitsua dela zubiak eraikitzea. Aurrez xedatuta gaudelako elkarbizitzera. Katalunia independentea izango balitz, gure bizilagunekin ongi egon beharko ginateke, bizilagun indartsuak izatea ezinbestekoa den heinean. Egia ispilu hautsi bat da eta irtenbidea beti dago erdibidean. Ez dugu bando gudarik nahi, muturreko jarrerek ez dute laguntzen. Beraz, adostutako erabakiak premiazkoak dira. Kazetaria izanik, zein iritzi duzu Kataluniaz han eta hemen egiten ari den jarraipenaz? Ez dut Espainiako komunikabideen jarraipenik egin, gehiago jarraitu dut nazioartean zabaldu dena. Hori bai, Jordik espetxean Espainiako telebistak izan ditu bakarrik eskura, eta behin baino gehiagotan aipatu dit okertutako kontakizunak nagusi direla. Duela egun gutxi larritu nintzen Cospedal andereak, Espainiako hedabiderik iruzurtienaren jabe den Eduardo Indaren aurrean, TV3 kritikatu zuenean. Kezkagarria da. Argazkia: Jordi Borràs Zein da Kataluniako testuinguruaren zerumuga? Tira, zerumuga sekula iristen ez zaren gauza bat da… Besteen esaldiak aipatzea hainbeste maite duen David Fernàndezek behin esan zuen, "demokrazia nahi genuen independentziara iristeko, eta orain, independentzia nahi dugu demokraziara iristeko". Norbaitek uste badu Katalunia independentea lortuz gero dena amaitzen dela, oker dabil. Ezkontza prestatzeagatik nekatuta iristen diren bikotekideei gertatzen zaiena gertatuko zaie: orduan hasiko da elkarbizitzen ikasteko lana. Erronka handiak ditugu. Orain errepresioari aurre egiten ari gara, baina gauza asko dugu sakonetik aldatzeko. Aberastasunaren banaketa desegokiaren ondorioz sustatu duten immigrazio oldarkorra kudeatu beharra dago, eta, etorkinak onartzea ezinbestekoa den arren, lan egin behar dugu jatorrizko herrialdeetan gaur egun nagusi diren gobernu ezegonkorrak ekiditeko. Edo ingurugiroari dagokionez, adibidez, nork daki, hemendik 10 urtera ez dugun bidegabeki espetxeratutako preso politikorik izango, baina agian muturra hausten ariko gara ura edo energiagatik, edo desertuak Espainia erdia hartu duelako. Zer beharko luke izan derrigorrez Kataluniako Errepublika independenteak? Iristear dagoena oso kezkagarria da. Kolektibitate eta estatu sena ezinbestekoa izango da. Hiritarren boteretzean sinisten dut. Jendeak egin zuen posible urriaren 1a, jarrera hori mantentzea da garrantzitsuena. Hori hamaika herrialderen independentzia baino aberatsagoa da. Agian urte batzuk beharko ditugu erabat gaiztotuta dagoen sistema hau berrorekatzeko, baina hori da gakoa.
news
argia-499bd66711f8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/baserritarrek-ekoizten-dute-munduko-elikagaien-70-baliabideen-25arekin.html
Baserritarrek ekoizten dute munduko elikagaien %70, baliabideen %25arekin
Garazi Zabaleta
2018-03-11 00:00:00
Baserritarrek ekoizten dute munduko elikagaien %70, baliabideen %25arekin "Munduan geroz eta biztanle gehiago garenez, elikagaiak ekoiztuko dituen nekazaritza industria handiaren beharra ezin da ukatu". Agroindustriako enpresen eta eredu transgenikoaren bultzatzaileen argudio nagusietakoa da aurreko hori, euren ereduaren baliagarritasuna justifikatzeko darabiltena. ETC Group gobernuz kanpoko erakundeak egin duen ikerketak, ordea, mito horiek eraitsi eta elikadura buru-jabetzari lotutako elkarteek aspalditik aldarrikatu dituzten errealitateak atera ditu argitara. Baserritar txikiak mundua elikatzen Nekazari txikiek, indigenek eta familiako laborariek ekoizten dute munduko herritarrok jaten dugunaren %70, ikerketaren arabera. Esanguratsua da, gainera, lurreko baliabide naturalen –ura, lurra eta erregaiak– %25 soilik darabilela nekazaritza eredu horrek. Beste aldean legoke nekazaritza industria kate erraldoia: munduko baliabideen %75 erabilita ere, herritarren %30 soilik elikatzen du. Gobernuek gosea amaitu eta aldaketa klimatikoa geldiarazi nahi badute, ez dute baserriko nekazaritza bultzatzeko politika publikoak martxan jartzea eta bultzatzea besterik, ETC Groupen arabera. Nork elikatuko gaitu? Baserritarren elikagaien sareak edo nekazaritza industriaren kateak? izeneko ikerketaren ondorioetan nabarmendu dutenez, munduko gosearen arrazoia ez da elikagai falta, elikagai horien banaketa bidegabea baizik. Bitartean, agroindustriako enpresa handiak baliabide naturalak xahutzen Ikerketako txostenaren arabera, urtero 75.000 milioi tona lur goldagarri suntsitzen ditu nekazaritza industriak, eta basoen 7,5 milioi hektarea eraisten. Horrez gain, nekazaritzan erabiltzen diren erregai fosilen %90 kontsumitzen dituzte enpresa handi horiek. Baserritar txikien ereduak, berriz, nekazaritzarako erabiltzen den uraren %20 soilik darabil, erregaien %10, eta ez du lurren eta basoen suntsiketarik eragiten. Bi ereduen talka argia da ingurumenari begira ere. Kate agroindustrial handiek urtero sortzen dituzten 4.000 milioi tona elikagaietatik %33 eta %50 artean galdu egiten dela ere (prozesatzeko, garraiatzeko edo biltegiratzeko garaian) ondorioztatu du ikerketak. Ikerketaren egileek azpimarratu dute politika egokiekin nekazaritza eredu agroekologikoak landa eremuetan enplegua hirukoiztu, hirietarako migrazioa gutxitu, elikagaien kalitatea hobetu eta gosea ezabatu lezakeela.
news
argia-4544d4f3d10f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/javier-batarrita-gaztelu.html
"Aita hil zuten, bera izan zen biktima, ni kaltetua naiz"
Miel Anjel Elustondo
2018-03-11 00:00:00
"Aita hil zuten, bera izan zen biktima, ni kaltetua naiz" 1961eko martxoaren 27an hil zioten aita –Javier Batarrita Elexpuru–, Espainiako guardia zibilek Boluetan (Bilbo) ipinitako kontrolean. Kulparik ez aitak, "zoritxarreko istripua" izan ei zen, garaiko agintari frankisten arabera. Aitaren izen bereko semea, bederatzi hilabeteko haurra orduan, dugu memoriaren zaindari. 1960an jaioa zu, ondoko urtean, martxoaren 27an hil zuten aita. Bederatzi hilabete nituen aita hil zutenean. Betidanik jakin izan dut aita hil egin zutela, poliziak hil zuela, zein polizia suertek hil zuen jakin gabe ere. Baina zirkunstantziak jakinak ziren. 1961 zen, diktadura frankistaren garaia, eta zelan gerra denboran gure etxean hildakoak izan ziren, bada, dena bat zelakoan nengoen, lotu egiten nituen heriotza denak, hala gerrakoak nola gure aitarena, etxean ere antzera bizi zutelako gauza. Geroko baten konturatu nintzen ez zela gauza bera. Noiz bereizi zenituen heriotza batzuk eta besteak? Aitaitak hainbat berba egiten zuen gerraren gainean. Familiaren barruan eta inguruan zenbait hildako izan ziren. Aitaitak kontatzen zuen historian, berriz, aitaren heriotza gehigarri moduko bat zen. Aitaita, izan ere, komunista izana zen, Gipuzkoa batailoian ibilitakoa. Iparraldeko kanpaina osoa egin zuen. Santoñan (Santander, Espainia) aurrera egitea lortu zutenen artean izan zen. Avilesera iritsi eta arrainontzi batean sartu zen. Frantziako itsasozainek jaso eta Bordelera eraman zuten. Han, trenean sartu eta Kataluniara egin zuten. Bartzelonan egon zen, nazioarteko brigadak ere ezagutu zituen eta ibili ere egin zen haiekin. Hala ere, Errepublikaren karabinero izan zen. Kataluniako muga zaintzen jarri zuten; batean, Lleida eta Andorra artean; bestean, Gironan. Gerra amaitu arte. Amaitu zenean, Frantziara jo zuen, Mediterraneoko hondartzetara. Harrapatu egin zuten, eta Gursera bidali. Nola izan zen zure aitarena? Martxoaren 27an gertatu zen Boluetakoa. Bezperan, Zadorra aldean dabilela, morroi batek, zeharo betea ez nonbait –Vicente García Aguado da izenez–, baten batzuk berbetan ari direla ikusten ditu, eta bonbak aipatzen dituztela entzuten du. Ekintzaren bat prestatzen ari ote diren, alegia. Poliziari esaten dio, baina ez diote sinesten, burutik dagoelakoan. Biharamunean, Zadorra aldean, bezperako inguru berean, Indauto enpresako guarda Gregorio Porcel Carrillok auto bat datorrela ikusten du. Autoa bazterrean gelditzen da, eta hiru gizonezko irteten dira. Handik pixka batera, beste auto bat dator, Gasteiz aldetik, eta lehengo autoaren ondoan gelditzen da. Txoferra jaisten da, lehengo hiru gizonezkoekin berba batzuk egiten ditu eta ondoren laurak bigarren autoan sartzen dira eta Gasteizerantz zuzentzen dira, lehenengo autoa bertan utzita. Indauto enpresako guardari susmo txarra eragiten dio eta guardia zibilari hots egiten dio. Guardia zibilak operazioa egitea erabakitzen du, joaten da Indauto aldera, baina iristen direnerako han ez dago autorik, joanak dira biak, bata Gasteiz aldera, bestea Bilborantz. Operazioa erabaki duen guardia zibileko teniente koronelak ondoko probintzietako kideak jakinaren gainean jartzen ditu, eta Bizkaiko Poliziako arduradun nagusiak Boluetako operazioa antolatzen du. Martxoaren 27ko iluntzeko 7:30ak jota, zure aitaren Peugeot-a dator Boluetako Aginaga gasolindegira. Hantxe guardia zibilak. Geratzeko agintzen diote autoari. Eta autoa geratu. Aita txofer, Martin Ballesteros ondoan jezarrita, atzean Larizgoitia. Autoa geratzean, Ballesterosek mugimenduren bat egiten du, eta guardia zibilari susmagarri iruditzen zaio. Aitari autotik irteteko agintzen diote, eta irten denean, ahots batek –polizia armatua, inondik ere–, "bera da! bera da!" hots egiten du, eta aitari geratzeko agindu dion guardia zibilak tiro egiten du. Guardia horrek Mauser bat du eskuetan, eta tiro harekin kasik burua kentzen dio nire aitari. Ondoren, tiro zaparradak datoz. Autopsiaren arabera, 49 tiro jaso ditu aitak. Hala ere, lehen tiroak akabatu du, buruaren alde batean sekulako zuloa egin diona. Aitaitak kontatzen zuen aita identifikatzera joan zela, ez zeukatela guztiz tapatuta ere, eta buruko zulokotea ikusi ahal izan zuela. Lehen tiroak akabatu zuen nire aita. Argazkia: Javier Batarrita Gazteluk utzia. Argazkian Javier Batarrita Maria Antonia Gaztelu emaztearekin. Kotxe horretan zihoazela tirokatu zituzten Batarrita eta bi lankideak. Zure aita hila, Martin Ballesteros larri zauritua. Bala batek jo zuen Martin Ballesteros, baina bizkarrezurrean. Betiko elbarritu zuen. Larizgoitia beste inor ez zen onik irten. Autoaren atzeko aldean zihoan eta nonbait autoak ezkutu lana egin zion. Diote polizia indarrek bertan utzi zituztela zure aita, Ballesteros eta Larizgoitia. Orduko Gudari aldizkariak kontatzen du jendeak eraman zituela ospitalera. Pertsianak jaitsita dituzten auzoek? Gudari -k dio Izpizua batek eraman zituela ospitalera, Basurtura. Por quién no doblan las campanas dokumentalean bi ziren produktoreak: Maite Esparza eta Maite Ibañez. Honen aitak, dokumentala ikusi eta alabari esan ei zion Boluetakoaren lekuko izan zela. Gogoan zuela zelan esan zieten poliziek pertsianak eraisteko. Haiek, berriz, etxetik irten, ondoko mendi kaskora igo eta dena ikusi zuten. Inondik ere, EGIko jendeak jaso zituen aita eta bi lagunak, eta eraman zituzten Basurtuko ospitalera, izen faltsuen azpian. Izpizuarik ere ez dago, EGIko militante batek nekez emango zukeen benetako izena. Militante haiek kontatuta agertu zen informazioa Gudari -n, Lan-Deya -n ( Emboscada sangrienta en Bilbao , zioen) eta harrezkero argitaratu diren lanetan, dela polizia gehiegikerien biktimen balorazioari buruzko Eusko Jaurlaritzaren batzordearen txostenean, dela Iñaki Egañak Gara egunkarian publikatutakoan, dela Kike Santarének Deia -n idatzitakoan, edo Correo -n, edo Arkadi Espadak El Mundo -n egindako zutabean. Besterik da garai hartako egunkariek, La Gaceta del Norte , El Correo Español eta ABC -k atera zutena. Egia osatu duzu? Batzuen eta besteen informazioa bildu eta irudia osatzeko moduan garela uste dut. Batak bestearen kontrakorik ez du esaten. Zeinek bere bertsioa du, desitxuratuak denak, baina denen artean bertsio bat osatzen laguntzen dute. Bertsio guztiak dira egia, baina denak dira partzialak, eta subjektiboak ere bai. Bertsiorik sinesgarriena denen artean osatzen da. Nire interpretazioaren arabera, hau eta hura leitu ostean, polizia konbentzituta zegoen hura komando bat zela. "Bera da! Bera da!" esaten duenak badaki noren atzetik dabilen. Fernández Soldevillak ukatu egiten du hori, dio ez zebiltzala ETAkoen bila, baina zer edo zeren bila zebiltzan, nire aita, hila zegoela ere, ostikoz jo zuten eta! Larizgoitia atxilotu egin zuten, nire aita eta Ballesteros hantxe utzi zituzten. Jendeak eraman zituen ospitalera. Zein ondorio ekarri zituen zure aitaren heriotzak? Ez dakit, bada. Aitarik gabe hazi naiz. Ez daukat gomutarik, uste bat besterik ez, bizipenik ez daukat eta. Horretan beti sentitu naiz gainerako umeak ez bezalakoa. Pentsatzen jarrita, ikastetxean lagunak hasten zirenean, "Eta zure aitak zer?", aita hila nuela esaten nuen, baina ez zitzaidan gaiaz berba egitea gustatzen. Berba egiten zenuten etxean? Berba egin behar bazen, berba egiten zen. Batzuetan, berez etortzen zen gaia, baina mingarria zitzaigun, ez zen egunero berba egiteko kontua. Ez genuen saihesten, baina ezta berbara ekarri ere, mingarria zelako; amarentzat, batik bat. Aita hil zutenean, amamari –amaren amari, Ramona Oiarzabal–, ondoeza egin zitzaion. Iktus bat izan zuen, inondik ere, ahoa okertu zitzaion eta; hala ere, bere onera etorri zen… Oso modu traumatikoan bizi izan zen etxean aitaren heriotza. Mingarri zaizue oraindik gaiaz berba egitea? Amari oso mingarri zaio. Auto judizialak, esate baterako, aipatu ere ez dizkiot egin. Beldur naiz. Egunkarietan ezer argitaratzen dutenean ez dut kezkarik izaten, amak egunkaririk ez duelako leitzen. Baina telebistan gaiari buruz ezer  ikusten duenean, ondoezik egoten da bizpahiru egunetan. Maria Antonia Gaztelu dut ama. Argazkia: Zaldi Ero. Pentsatu ere ez, orduan, nik harekin hitz egitea. Estimatuko nizuke ez saiatzea. Eusko Jaurlaritzaren Giza eskubideen bulegoko zuzendaria, Ines Ibañez de Maeztu, etxean izan zen, amarekin berbetan. Ondo konpondu ziren. Hala ere, amak batzordearen aurrean agertu behar zuela esan ziguten, eta joan ginen, eta hantxe, batzordeko kideen aurrean ama. Penagarria izan zen. Ama negarrez lehertu zen. Manuela Carmena zen batzordeko presidente, eta berak kontsolatu zuen, amaren ondora joanda. Zuri, mingarri zaizu? Ez. Ez dut bizipenik. Gauza pertsonala da, familiakoa, eta inportantea familiari dagokionean, baina, oroz gain, gertaera historikoa zait. Neurri batean orain ari da zabaltzen kasua, ari da publizitatzen, baina nik hala-moduzko neutraltasun emozional batekin bizi dut. Esateko moduan. Inork ezer jakin nahi duenean, ez dut eragozpenik informazioa emateko. Baina amarekin gai honen gainean berba egitea, ezinezko zait. Neutraltasun emozional hori gorabehera, zer sentimendu sorrarazten dizkizu aitaren heriotza hark? Errepresioaren atala izan zen. Nahi beste errepresio izan da herri honetan. Batzuetan batzuei egokitu zaie, besteetan besteei. Aitaren heriotzak beste heriotza askoren antza du. Tamalez, guri egokitu zitzaigun. Baina badiotsut, asko dira horrelakoak. Aita hil zizuten. Nor da biktima? Hildakoa, zauritua, elbarritua… horixe da beti biktima. Gainerakook, kaltetuak gara. Gure kasuan, etxeko senideok kaltetuak gara, pertsona hura galdu genuenok, harekiko harremana, haren erreferente pertsonala galdu genuenok. Baina ez gara biktima, kaltetu baizik. Bolo-bolo dabilen diskurtsoaren arabera denak dira biktima. Berba egiteko modua da. Beharbada gure hiztegia ez da behar bezain aberatsa, ez gaude gauzak ondo zehazteko eran, eta egunean egunekoaz berba egiteko daukagunaz baliatzen gara. Biktimen senideak biktimatzat hartzen dira, biktima haiei dagozkien aitortza, ordain eta gainerakoak jaso ahal izan ditzaten. Hortik dator biktima berba zabaltzea. Ni biktima naizen galdetuz gero, ezetz esango nizuke, ni ez naiz biktima, kaltetua baizik. Nire aita hil zuten, bera izan zen biktima, ez ni. Ni, kaltetua. Zer diozu lelo horretaz: "Gu, biktima garen aldetik…". Terrorismoaren Biktimen Elkarte AVTren diskurtsoa duzu. Nire ustez, alderdi politikoek erabili egin dute elkartea, eta elkarteak ere utzi egin du erabil dezaten. Hor da diskurtsoa, baina ez da zabaltzeko modukoa. Martxoaren 11ko biktimen elkarteak ez du diskurtso horrekin bat egiten, adibidez. Zer diozu Eusko Jaurlaritzak egin zizuen aitortzaren gainean? Ez genuen espero. Nik ez, behintzat. Esker oneko hartu genuen; ez dakit atseginez hartu genuen, baina esker oneko bai. Bestalde, iraganeko bizipenak orainaldira ekarri zituen –amaren kasuan, batik bat–, eta amak txarto pasatu zuen. Hala ere, esker oneko agertu zen ama, aitortzak esan gura zuenagatik. Aitortza hori tarteko, ezagutu zenituen beste biktimen senideak? Txikirenak, Antxone Telleria, Otaegiren izeba… Bai, baina kafe bat hartu bitartean egiten diren berbak egin genituen. Bataren anaia, bestearen alarguna… eta inoiz ez genuen aipatu iraganean gertatutakoa, datorrena baino, etorkizunean zer izango den ibili ginen berbetan. Aita hil zizueten, eta heriotza hark buruz beheiti jarri zuen familiaren bizimodu osoa, ordukoa eta gerokoa… Bai…
news
argia-6acd21d1eba5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/sufragio-interesatua.html
Sufragio interesatua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-03-11 00:00:00
Sufragio interesatua New Jersey (AEB), 1776. Historian lehenengoz emakumeen sufragioa legez onartu zen "nahi gabe". Estatuko konstituzioa idaztean egindako akats bat izan omen zen lege aurrerakoiaren arrazoia; "gizon" guztiek bozkatzeko eskubidea zutela jaso ordez, eskubide hura "pertsona" guztiena zela idatzi omen zuten. Akatsaz (berandu) jabetuta, legea ez zuten bertan behera utzi 1807 arte. Pasadizo bitxia interneteko hainbat gunetan dago jasoa, gehienetan hitz berdintsuekin eta gehiago sakondu gabe. Baina beste iturri batzuetara joaz, esaterako, Jan Ellen Lewis historialariak 2011n argitaratutako Rethinking women's suffrage in New Jersey , 1776-1807 artikulura, edo legearen jatorrizko testura bertara, ikusiko dugu egia dela 1776an New Jerseyko emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu zutela, eta 1807an galdu, baina ez zen akatsik egon. New Jerseyko konstituzioaren pasarte horrek dio: " That all inhabitants of the Colony (...) shall be entintled to vote ". Hau da, "biztanle" guztiek zutela bozkatzeko aukera; "pertsonak" aipatu ez arren, testua anbiguoa da generoari dagokionez. Baina 20 urte geroago, 1796an, bozkatze prozesua zehazteko dekretu bat onartu zuten: " That every voter shall openly, and in full view deliver his or her ballot ". " His " eta " her ", izenorde posesibo maskulinoa eta femeninoa, biak jaso zituzten dekretuan, 20 urte lehenago idatzitakoan nahi gabe egindako akatsik ez zegoela garbi erakutsiz. Bestela ere, ez da oso sinesgarria 1776an egindako akatsaz 31 urte geroago jabetzea, eta orduan zuzentzea. Horregatik, egun, historialari gehienek uste dute hizkuntza anbiguo hori jakinaren gainean eta propio erabili zutela. Eta nabarmentzen dute bozkatzeko beste baldintzak biltzerakoan ez zirela batere anbiguoak izan. Testuaren arabera, boto-emaileek adinez nagusi izan behar zuten, konderri berean gutxienez 12 hilabetez bizi behar zuten eta beren izenean gutxienez 500 librako ondasunak izan behar zituzten. Gutxieneko ondasun horiek izateko senarraren edo aitaren baimena zuten emakumeek soilik eman zezaketen botoa –eta ezkongabe edo alargun aberats gutxi batzuek–. Menpeko izaten jarraitzen zuten. Baina probetxugarriagoa da bozkatzeko aukera –zuk nahi duzunari bozkatzekoa– duen menpekoa, hauteskundeetan erabili ezin duzun menpekoa baino. New Yorken eta Massachusettsen ere antzeko hauteskunde legeak ezarri, baina bizpahiru urtetan atzera bota zituzten. New Jerseyn gizon aberatsek zuku gehiago atera zioten emakumeen bidez berriro bozkatzeko eskubideari.
news
argia-3316b7977c0c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/norekin-zaintzen-duzu-elkar.html
Norekin zaintzen duzu elkar?
Haizea Nu�ez
2018-03-11 00:00:00
Norekin zaintzen duzu elkar? Gure garaia Mr. Wonderfull garaia da. Triste, amorratua edo angustiatuta baldin bazaude, lasai egon, hartu arnasa, joan zaitez yogara eta emaiozu besarkada bat zuhaitz bati. Bai, zu, hiritarra, emaiozu besarkada zuhaitzari, bere izena ezagutzen ez baduzu ere. Zure esku dago nola sentitzen zaren eta zure esku nola kudeatzen duzun datorkizuna. Zure arazoek ez dute zerikusirik turbo-kapitalismoaren legearekin, indarkeria matxistarekin edo lesbofobiarekin. Ez duzu inoiz entzun albokoa baino gehiago izan behar duzula, inoiz huts egingo ez dizun hori zure familia dela eta, lagunak, izatekotan, gutxi izango direla, oso gutxi. Lagunen aurretik, familia. Familiaren aurretik, dirua. Lotura afektiboez gain, elkartasunez gain: zoaz kanpora dirua biltzera. Zure esku dago nola sentitzen zaren eta zure esku nola kudeatzen duzun datorkizuna. Zure arazoek ez dute zerikusirik turbo-kapitalismoaren legearekin Zu, zure erdigunea, orain arte besteentzako izan zarela eta orain zu. Lehendabizi zu. Foru ogasunarentzat, gurasoentzat eta gehiengo zabal batentzat bakarrik bizi den emakume bat zara, bikoterik eta familiarik gabe. Hortaz, sare afektibo ikusgarri eta zilegirik gabe. Praktikara joanda, maite dituzun pertsonek zaintza beharrak dituztenean ezin dituzu zaindu, zure enplegu orduetatik kanpo ez bada. Aplikatzen zaizun lan hitzarmenak onartzen dituen senidetasunak santu eta fede publikoak zigilupekoak dira: familia-liburua, ezkontza edo izatezko bikotea. Sexu hitzarmenak,  "legeak horrela behartzen duelako", santifikatuak. Zuenean, ordea, lagunen erresistentzia sare apokrifoa da, merkatuaren legea eta odolaren kaiolari aurre egiteko lubakia: aitortza publikorik gabeko senidetasun soziala. Besteekin bagara eta besteek ez bagaituzte ikusten ez gara nor. Norekin zaintzen duzu elkar? Hari horren amaieratik tiraka hasi zara eta konturatzerako zurrunbilo anitz dituzu eskuartean. Akorduan duzu zaintza eta arreta berezia behar izan zenuen azken aldia. Ospitalean ingresatuta egon zinenean, lagun bat joan zitzaizun alboan egotera eta beste bat zure etxera joan zen, itzulitakoan afaria egina eduki zenezan. Ostegunero bezala barazki otarraren bila joan ezin zenuenean, lagun bat joan zen zure partez. Hotzak zetozela eta butanoaren bila joan ezin zenuenean, espero ez zenuen beste kide batek ekarri zizun. Hor diruaren aurretik, lagunak zeuden. Familiaren aurretik, lagunak ere bai. Sexu hitzarmena, familia-liburua, oinordekotza edo jabetza pribaturik gabeko harremanek eman zizuten osatzeko sostengua. Fikzio arautu hark bakardade autonomo eta buruaskian bizi zinela bazioen ere, errealitateak apurtu dizu fikzio hura. Elkarren arteko dependentzia sarea behar duzu, zaintzarako aliantzak, bizirik eta libre izateko.
news
argia-2822017081a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/herri-kurduaren-min-eta-bizipozarekin-sei-egunez-europan-barrena.html
Herri kurduaren min eta bizipozarekin sei egunez Europan barrena
unknown
2018-03-18 00:00:00
Herri kurduaren min eta bizipozarekin sei egunez Europan barrena Kurdistango Askapen Mugimenduak ibilaldia egin zuen otsailaren 8tik 17ra bitartean Europako bihotzean, salatzeko Abdullah Öcallan preso isolatuaren egoera eta Turkiak abiatu duen erasoaldia Afrinen –Siriako kantoi kurdu autonomoan–. Zenbait euskaldunok parte hartu genuen ekimenean elkartasuna adierazteko eta herri kurduaren izaera hobeto ezagutzeko aukera izan genuen. Euskal Herriko lau internazionalista hasieratik egon baziren ere, gu hilaren 12an heldu ginen Herri Kurduaren Askatasunaren Aldeko Ibilaldira. Gauez Frankfurten (Alemania) lurra hartu, eta berehala bi kurduk jaso gintuzten. Batek, gizon bibotedun eta erretzaile amorratuak, azaldu zigun hamasei urtez egon zela gerrillan. Gidatzen zuen modu eroagatik, sinesgarria zen erabat. Gaueko ordu txikitan Suitzako muga eta kontrolak gainditu ostean, herritxo batean egin genuen geldialdia. Beste bi burkide kurduren etxean sartu eta Ekialde Hurbileko derrigorrezko abegikortasuna zer den probatu genuen lehenengoz. Nahiz eta bi ordu besterik ez izan atsedena hartzeko, kurduak tematu ziren eta gaueko hiruetan gosaldu genuen. 40 minutuz lo egin ostean, gure gidariek Alemaniarako bidea hartu zuten. Bi orduren buruan, helmugan geunden. Herri kurduaren alaitasuna Azkenean, ibilaldira batu ginen. Harritu gintuen lehenengo gauza izan zen, gerran egon arren –Afrinen sekulako sarraskiak egiten ari dira Turkiako Armada eta talde jihadistak–, kurduak dantzan eta abesten ikustea. Are gehiago, 30 segundoko etenaldia gertatzen zen bakoitzean, handik eta hemendik ikusten genituen kurduak eskutik lotuta, abesten, leloak oihukatzen edota casteller modukoak eraikitzen. Ospakizunak otsailaren 15ean baino ez ziren geratu, Abdullah Öcallan buruzagiaren atxiloketaren urteurrenean. Egun horretan ez dute dantzarik egiten eta askok barauari ekiten diote. Efemeridea albo batera utzita, badirudi hainbat urtez zapalkuntza, bortizkeria eta gerra jasan ostean Turkian, Sirian, Iraken eta Iranen, kurduek alai egiten diotela aurre tragediari. Talde zalapartatsuena osatzen bazuten ere, kurduak ez zeuden bakarrik. PYDko –Siriako alderdi kurdu hegemonikoa– diasporako gazteekin 100 internazionalista baino gehiago geunden, baita MLKP Turkiako alderdi komunistako erresistenteak ere. Guztira, 500 lagun inguru ginen eta filosofia kurduari jarraiki, pankartaren atzean emakumezkoak jartzen ziren, gizonezkook amaieran kokatzeko. Argazkia: Aitor Aspuru Ibilaldia Suitzan Bi ilarek osatutako zutabean aurrera egiten genuen; gure zarataren, paisaia lasaiaren eta Porsche eta auto garestien arteko kontrastea bistakoa zen. Kurduen autodefentsarako YPG eta emakumeen autodefentsarako YPJ taldeen ikur berdeek apurtzen zuten tokiko armonia. Entzuten ziren leloak hainbat hizkuntzatan zabaltzen ziren; kurdueraz, frantsesez, gazteleraz, norvegiarrez... Oihu guztiek Abdullah Öcallan PKK-ko sortzailearen askatasuna eskatu eta Afringo erresistentzia goraipatzen zuten turkiarren eta islamisten inbasioren kontra. Konfederalismo demokratikoa Internazionaliston artean arrunta zen entzutea gaztelera, gehiengoa Espainiako Estatukoa baitzen; kataluniarrak, madrildarrak, aragoiarrak, kanariarrak, euskaldunak... Baina gauero, ibilaldia bukatu eta babeslekura helduta, Babelgo dorrea pizten zen. Kurduek konfederalismo demokratikoaren irizpideak barneratzea nahi zuten eta horretarako komunetan nahasturik banatu gintuzten. Ekialde Hurbilean bezala, denok elkarlanean aritu behar genuen, baina asiriarren, arabiarren, zirkasiarren edo iazidien ordez, Europako kultura eta jatorri askotako ekintzaileok eztabaidatzen genuen: italiarrek, suediarrek, alemaniarrek... Helburua zen komunak koordinatzea, egunoroko lan politikoak eta arruntak antolatzea eta kritika eta autokritika bideratzea. Hau da, kurduek praktikara eramaten ari diren maoismo eta sozialismo libertarioaren uztarketa bitxi hori bizitzea. Gure etxea lehenengo egunetan Gerra Hotzeko bunkerra izan zen. Berez, Frantzia eta Alemania zeharkatzea zen hasierako asmoa, baina iazko martxan turkiarrekin izandako liskarrak aintzat hartuta eta egoera politikoa pil-pilean zegoenez, antolatzaileek herri neutralera jo zuten segurtasuna bermatzeko. Edonola ere, kurduen talde batek babes lanak egiten zituen, faxista turkiarren balizko erasoez babesteko. Protestak Lehenengo egunak Alpeen magalean eman ostean, otsailaren 15ean eta 16an Genevara hurbildu ginen. Han Saleh Muslim PYDko lehendakariarekin topo egin genuen. Nazio Batuen egoitzara zihoan Afrini buruzko txostena aurkeztera, turkiarrek eta jihadistek 200 zibil baino gehiago hil baitituzte bonbardaketetan. Prentsa agerraldia egin zuen gure artean, hainbat boluntariok giza-hesia osatzen zuten bitartean; Turkiak milioi bat euro eskaini du Muslim harrapatzeagatik. 18an Pragan atxilotu zuten turkiarren aginduz eta 27an Txekiako epaitegiak libre utzi zuen berriz ere. Guk ere Genevako Nazio Batuen aurrean protesta egin genuen; salatzeko Afringo sarraskien kasuan erakundearen utzikeria eta Alemania, armak Turkiari salduz, gerraren kontura sekulako negozioa egiten ari dela. Gero hiriko zinema batera jo genuen eta zuzeneko telebista saio batean parte hartu genuen. Dilek Öcallan mintzatu zen, HDP alderdi kurduko legebiltzarkidea Turkian eta Abdullah Öcallanen iloba. Nabarmendu zuen Turkiaren asmoa dela Afrinen mugimendu kurduaren aurrerapauso guztiak (feminismoa, ekonomia soziala, kulturartekotasuna) zapuztea eta lortutako askatasuna jihadisten bitartez ezabatzea, Kobanen bezala. Aretoa emozioz bete zen erresistentziaren alde, eta tanke turkiar zartatuen irudiak jartzen zituzten bakoitzean, algarak eztanda egiten zuen. Giroa borborka zegoen eta, bat-batean, Siriako PYDko gazte kurduek aretoa lagatzea erabaki zuten. Europarrok ez genuen ezer ulertzen, baina, gerora azaldu zigutenez, hizkuntzaren borroka nonahi dago. Izan ere, telebista programan parte hartzeari utzi zioten turkiarrez emititzen ari zelako, kurdu gehienak Turkiaren menpe bizi baitira. Egia esan, poztu gintuen ikusteak kurduen artean ere eztabaida sutsuak ematen direla hizkuntza edo molde politikoen ondorioz. Geneva eta Estrasburgo Otsailaren 16an berriro itzuli ginen Nazio Batuen eraikinera euren pasibotasuna aurpegiratzeko. Kasu horretan, Saleh Muslim izan genuen berriro gure artean. Ekitaldia bukatu ahala, autobusetara igo ginen Estrasburgora joateko. Han, gure lehen geltokia Kurduen Kultura Zentroa izan zen; paretak hildako militanteen argazkiz josita zeuden. Gau horretan familia kurduekin egin genuen lo. Gure kasuan, familiako bi semeak Kurdistanen zeuden egun; horietako bat Afrinera igarotzen saiatzen ari zen egun horretan Iraketik, erizain lanak betetzeko. Manifestazioa Larunbatean elur eta euripean hasi zen Estrasburgon mobilizazioa. Internazionalistok jende uholdearen buruan geunden, Siriako Afrin kantoi kurduaren aurka Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek agindutako eraso kriminala salatzeko, baita Abdullah Öcallanen askatasuna exijitzeko ere. Öcallan duela bi urte erabat isolatuta bizi da Imrali uharteko espetxean; senideek ere ezin dute berarekin hitz egin. Ibilbide luzea osatu genuen eta kale guztietan Gendarmeria eta CRS poliziak pilatzen ziren, eraso jihadista baten beldur. Apurka-apurka manifestazioaren helmugara heldu ginen eta ordezkaritza guztiek hartu zuten hitza. Euskaldunok irtenbide politiko baketsua aldarrikatu genuen, baina hala gertatzen ez den bitartean, herri kurduaren erresistentzia goraipatu genuen, bereziki, emakume borrokalariena; Afrinen borrokan hil direnen Sakine Kansiz, Arin Mirkan, Barin Kobani edota Avesta Xaburren gisara. Eguraldiak hobera egiten ez zuela ikusita, lehenago bukatu zen ekitaldiaren osteko jaialdia. Bazirudien guztiontzat etxera itzultzeko unea heldu zela, baina azken ezustea zain genuen. Raqqako borrokalaria Bruselako bidaian Espainiako Estatuko gazte bat elkartu zen ordezkari euskaldunokin. Berarekin hizketan ginela, jabetu ginen Siriako Raqqan ibilitakoa zela Estatu Islamikoaren aurka. Ez zen abenturazalea, ezta militarra ere, historialaria eta ezkerreko militantea baizik. Egun batzuk lehenago lagun mina galdu zuen Turkiaren aurka borrokan: Olivier François Jean Le Clainche, 'Kendal'. Bretoi independentista zen, euskaraz zekien eta kurduekin Sirian borroka egin ostean, Afrin defendatzera joan zen eta han hil zuten otsailaren hasieran. Bidelagun izan genuen milizianoari galdetuta, berak argi zuen Siriako konponbidea kurduen eta Bashar Al Assaden arteko akordioaren eskutik etorriko zela. Hala eta guztiz ere, zalantza egiten zuen Errusiak, Iranek, Turkiak edota Ameriketako Estatu Batuek hori ahalbidetuko duten, eta erregimenak ulertu ote duen egoera ez dela itzuliko gerra aurretiko statu quora.
news
argia-404aafb80c07
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/sirian-estatu-islamikoa-garaitu-badute-zergatik-ez-da-gerra-amaitzen.html
Sirian Estatu Islamikoa garaitu badute, zergatik ez da gerra amaitzen?
Pello Zubiria Kamino
2018-03-18 00:00:00
Sirian Estatu Islamikoa garaitu badute, zergatik ez da gerra amaitzen? Estatu Islamikoa Alepotik 2016an kanporatu eta, batik bat, joan den urrian Al-Raqa eta inguruetan sakabanatuz geroztik, askok espero zuen Siriako gerra amaierara hurbiltzen hastea. Oso bestela gertatu da. Israel eta Iran zuzeneko talkara iritsi, Afrin eskualdeko gudua gogortu, lehenbizikoz AEBetako tropek eta Errusiako paramilitarrek elkarri eraso, Damasko hiriburuko Gutha auzoa airetik krudelki suntsitu... Siriako gatazkaren hariak inoiz baino nahasiagoak ageri dira. 2018ko udaberri atarira iritsiagatik, ez da itxaropen kimu berririk erne Sirian. Tokitan geratu dira 2011ko udaberri arabiarren itxaropenak... Basta! magazine frantsesean Thomas Clerget kazetariak sintetizatu duenez, "sufrikariozko zazpi urteak arren, Siriako 'gerra amaiezinari' ez zaio berehalako irtenbiderik ikusten. (...) Gaur Siriak bizi duen bortizkerien gogortzeak erakusten du prozesu politikoa erabat estankatuta dagoela, gatazkan jokalari diren guztien militarki abantaila ateratzeko nahiak eragiten baititu bortizkeriok". Ekialde Hurbilean zerbait agindu nahi duten potentzia guztiek esku hartzen dutenez Sirian, nor bere posizio militarra sendotzeko lehia odoltsuan ari dira noizbait iritsi beharko omen duen irtenbiderako prest egoteko. Partida gogorretan egin ohi denez, edozein jokaldi ausartetan arriskatzeko gauza dela erakutsi nahi du bakoitzak. Hala egin du Israelek –Clergeten analisia laburbilduko dugu hemen– otsailaren 10ean Sirian egindako eraso eta zuzenean Irango armadaren guneak atakatu dituenean. Israelek bat egiten du AEBek eskualde horretan –Golkoko monarkiekin elkarlanean– etsai nagusitzat Iran jotzean. Nola edo hala ahuldu beharra dago Teherandik hasita Iraken barrena Libanon Mediterraneoraino zabaltzen omen den arku xiitari. Iranek hil ala biziko garrantzia eduki du Baxar Al-Assaden gobernuaren biziraupenean, nahiz eta Errusiak baino era diskretoagoan lagundu dion. Sostengu ekonomikoaz gain Iraultzaren Zaindariak bidali dizkio eta lekuko milizia xiitei babesa eman. "Errusia egin bada Siriako zeruetako [hegazkinengatik] nagusi 2015az geroztik, lurraldearen batasunari Siriako armadarekin batera eusten diotenak Iranen aldeko miliziak dira", dio Clergetek. Otsailaren 7an beste argi gorri bat piztu zen gatazkaren eskaladan. AEBetako hegazkinek eraso eta hil zituzten 200-300 mertzenario errusiar, Deir-Ezzor eskualdean Siriako armadarentzako lanean ari zirenak. Moskuk Sirian zeuzkan tropak atera dituen arren, 1.500-2.000 mertzenario errusiar ari dira borrokan Wagner konpainiak eramanik, ofizialki Vladimir Putinen gobernuaren ezjakinean. Afrin eskualdekoa da beste gudu nagusi bat, gatazka zein korapilatsua den erakusten duena, hortik Turkiak YPGko kurduak ateratzeko antolatu duen Olibondo adarra operazioarekin. Turkiari bidea eragotziz Errusiak miliziano kurduei babesa eman izan die Afrinen. Gauza bitxia, jakina denean kurduak gainerako eremuetan AEBekin ari direla elkarlanean, yankiek ere ahazturik YPGkoak mugimendu ezkertiarra direla. Baina gerra guztietako " gure etsaien etsaiak geure lagun izan daitezke " leloa,   inon izatekotan Sirian ageri da. Kontua da kurduak iritsi direla de facto Siriaren heren bat kontrolatzera. Estatu berri bat non eta Siria eta Turkia artean? Aldaketa handiegia Turkiaz gain beste gehiagorentzako. Errusiak Afrindik erretiratuz kurduei ultimatuma eman die, hala azaldu du Piotr Apokov analistak: "Turkiaren mehatxuak denborarekin kurduak behartuko ditu beren lekua bilatzera Siriaren barruan. Bortxatuak izango dira horretara, bai Damasko eta Moskuk daukatelako ahalmena bermeak emateko turkiarrei, eta baita beren independentziak ez lituzkeelako babestuko Turkiaren operazio antiterroristetatik". Baina errusiarren plana ondo aterako balitz kurduek amore emanez, Damaskon Baxar Al-Assad geratuko litzateke kurduen laguntzat turkiarren aurrean. Auskalo horrek kurduen eta AEBen arteko harremana nola utziko lukeen... XXI. mendeko gerra Gouthan ikusi Goutha Ekialdean jokatzen da beste gudu erabakigarria. Damaskoren auzoa den Goutha Ekialdea 2011n Baxar Al-Assaden kontrako mobilizazioetan nabarmendu zen. Orduan zeuzkan milioi eta erdi biztanleak urritzen joan dira, batik bat 2013ko maiatzean gobernuaren tropek Irango milizien eta Hezbolaren laguntzarekin erabat inguratu eta setiatu zutenetik. Bere karriketan lehen orduko milizia iraultzaileetatik hasita klase askotako miliziak pasatzen ikusi dituzten Gouthako biztanleek, astez aste ikasi behar izan dute bizirauten hornidura oinarrizkoenak barik, janaria eta iturriko ura barne. Gaur UNICEFen kalkulueta n 400.000 pertsona geratzen dira Goutha ekialdean, horien erdiak haur eta gaztetxoak. Alepo, Al-Raqqa, Deir-Ezzor edo Afrinen islatzen badira bere konplexutasun nahasian Siriako gerraren osagai geopolitikoak –AEB, Israel, Errusia, Iran, Turkia, Saudi Arabia...– Goutha Ekialdeko populazioaren martirioak erakusten du gatazka honek gerra zibiletik, edo nahi bada gobernu autoritario baten erreakzio basatitik, daukana. 2013tik setioaz gain hainbeste bonbaketa eta eraso jasandako Goutha joan den azarotik egunero ari dira bonbardatzen Siriaren eta Errusiaren hegazkinak. Zanpaketa are larri eta sistematikoagoa da abendutik, artilleriak ere lagunduta. Azokak, ospitaleak, okindegi bakanen edo elikagaien banaketaren aurrean zain dauden jendetzak, etxebizitza blokeak... Erasoaren lehenbiziko astean 500 pertsona hil zituzten, geroztik eten gabe ugaritu dira hildakoak. Otsailaren 24an Nazio Batuen Erakundean adostutako hilabeterako su-etenak ez zuen biharamunera arte iraun, geroztik Errusiatik Vladimir Putinek iragarritako eguneroko 5 orduko barealdiak ez du arrakasta handiagoa izan. Amnesty Internationalek salatu du Al-Assadek eta errusiarrek Gouthan darabilten estrategia dela "Edo alde egin, edo bertan hil" [ We leave or we die ]: herritarrei leher egin arazi haien artean babestutako oposizio armatua menderatzeko, gero negoziatzeko bizirik geratutako zibil eta gudarien ihesa. " Siria, 'errenditu ala hil' estrategia " agirian gordin deskribatzen da bai talde matxinoek baina nagusiki Damaskoko gobernuak nola erabiltzen duten estrategia hau. Egia da munduko potentzia handien –funtsean AEB eta Errusiaren– gehi Israel, Turkia, Iran eta Golkoko estatuak bezalako potentzia txikiagoen arteko talka geopolitikoak dena zipriztintzen duela Siriako gerran, handik iristen diren informazioak kutsatzeraino. Baina aski da Gouthari airetik dronez Anadoluk ateratako bideo laburra ikustea –interneten dago, bi minutu dirau– jabetzeko zer den krimen hura. Siriako populazioren zazpi urteotako sufrikarioa ikaragarria da. 2011 urteaz geroztiko 500.000 heriotza kalkulatzen dira, horietatik %30 edo %40 zibilak, eta bi milioi zauritu gehiago ere bai. (...) 22 milioi biztanleetatik 5,4 milioik ihes egin behar izan dute, 6,1 milioi gehiago herrialde barruan daude etxetik urrunduak. NBEaren arabera 13 milioik nozitzen dute laguntza mediku larria.
news
argia-63a7b605deaa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/jordi-marti-irakaslea.html
"Ez ditugu behar esloganak botaz bizi diren irakasle-izarrak"
Mikel Garcia Idiakez
2018-03-18 00:00:00
"Ez ditugu behar esloganak botaz bizi diren irakasle-izarrak" Aho-bilorik gabe mintzatu ohi da Jordi Martí katalana hezkuntzari buruzko bere blogean. Irakasle-izarrak, berrikuntza pedagogiko magikoak, ikastetxeetan muturra sartu duten multinazionalak... ditu jomuga, eta orain Educative innovéision kaleratu du, doan deskargatu daitekeen liburua. 20 urte daramatza irakasle, gaur egun Valentziako ikastetxe publiko batean, DBHn. Izenburu esanguratsua jarri diozu liburuaren lehenengo kapituluari: La innovación como acto de fe (Berrikuntza fede bihurtua). Batzuetan badirudi behar dugula berrikuntza berrikuntzagatik, bai ala bai egin beharreko zerbait dela, baina kontzeptu huts samarra da; izan ere, zer ulertzen dugu berrikuntza diogunean? Lehen egiten zen zerbait egungo baliabideetara egokitu eta jada asmatuta dagoena errepikatzea teknologia berriak erabiliz? Teknologiaren kontua eskutatik joan baitzaigu; teknologiak zenbait gauza errazten dizkigu, baina sen ona erabili beharko genuke. Bestela berrikuntza perbertitzen ari gara, eta horregatik diot erlijio bihurtu dugula: pertsona jakin batzuk pulpitutik hitz egiten entzuteko ilara egiten dugu, eta pertsona horien meritua da liburu bat argitaratu izana kontatzeko zein ederra den ikasgela, baina ikasgela utzi egin dute hitzaldiak emateko, eta erakunderen bat dute atzean babesle. Beste gauza bat da ikasgelan gauza ezberdinak eta berriak egitea, eta horretan egunero saiatzen gara irakasleok, egunero inprobisatzen dugu. Ez duzu metodologia pedagogiko definitiboetan sinesten. Sortzen ari diren metodologia batzuk asko gustatzen zaizkit, gustatzen zait gauza berriak probatzea… baina testuinguru batean eta bere neurrian. Ez naute konbentzitzen etorkizuneko ez-dakit-zein metodologia miragarri gisa saltzen direnek, hasteko metodologia berak ezberdin funtzionatzen duelako hiri bateko edo besteko ikastetxean, auzo bateko edo bestekoan. Testuinguru soziokulturalak eragina du, adibidez. Ez dago ezer miragarria, ezta denentzako berdin balio duenik ere. Gazteek ikastea edo ez ikastea hainbat baldintzaren esku dago, nire ustez: batetik, zortea, ikasle taldearekin sintonia ona izatea; bigarrenik, une bakoitzean darabilzun metodologia egokitzea ikasle horiek dituzten beharretara; eta hirugarrenik, zein ikasle egokitu zaizkizun, badirelako ikasleak metodologiak metodologia berdin ikasiko dutenak eta beste batzuk gainean egotea gehiago behar dutenak. Horregatik, metodologia baino garrantzitsuagoa da ratioa (gelako ikasle kopurua), eta ezinbestekoa da gela bakoitzean bi irakasle izatea, dagoen aniztasuna kudeatu ahal izateko, baita ghettoak saihestea ere, ez dadila egon zentro-ghettorik, mundua eta kalea osatzen dugulako denetariko jendeak. "Ez naute konbentzitzen etorkizuneko ez-dakit-zein metodologia miragarri gisa saltzen direnek, hasteko metodologia berak ezberdin funtzionatzen duelako auzo bateko edo besteko ikastetxean" Zein da irakasleen funtzioa? Irakasleak ikaslearen bidelagun izan behar du bere ikasketa prozesuan, ez gehiago ez gutxiago. Nahi duen metodoa erabiliz, ikasleek ahal dutena ikastea izan behar du helburua. Eta ikasi diodanean esan nahi dut denetik ikasi behar duela, baita ikasketa faltsifikatzen ere, adibidez medikua izan nahi duenak azterketak gainditzen ikasi beharko duelako helmugara iristeko. Norberak izan nahi duena lortzeko behar duen ikaskuntza izan dezala, eta bere gurasoak baino hobeto bizi dadila. Gure seme-alabak gu baino hobeto bizi daitezela, kritikoki pentsatu dezatela, gizartea aldatzeko gai izan daitezela. Erremintak eman behar dizkiegu egunerokoan biziraun dezaten, ahalik ongien bizi daitezen eta borrokarako denbora izan dezaten, soilik lanerako denbora duenak ez duelako borroka egingo, ez du iraultza egingo. Edukiak emango dizkiet, jakina, baina ikasleek esaterako politikaz galdetzen badidate, erantzun egingo diet, nire funtzioaren parte da, eta izan dezatela eurek nire iritzia, beste irakasleena, euren gurasoena, lagunena… eta inportanteena, euren iritzi propioa landu dezatela. Zu nolakoa zara irakasle moduan? Jo, ez daukat ideiarik, baina batzuetan gauzak ongi ateratzen zaizkit eta beste batzuetan okerrago. Asko inprobisatzen dut ikasgelan, ikusten noanaren arabera, eta zentzu horretan oso kaotikoa naiz, aurreikusita neukana goitik behera aldatzeko gai naizelako. Irakasle-robotaren antitesia naiz. "Kezkatzen nau gurasoek diskurtso hutsalak dituzten pertsonaiak erreferente gisa hartzeak eta seme-alaben irakasleari baino kasu gehiago egiteak; sinestea hura dela ikasgela" Irakasle-izarrak ez dituzu gustuko, baina batek baino gehiagok esango du hezkuntzaren teorikoak ere behar ditugula. Bai, beharrezkoak dira, baita hezkuntzari buruzko ikerketak ere, eta ikerketa horien egileak zentrora etortzea ikustera zer egosten den, batzuen eta besteen artean iritziak eta esperientziak partekatzeko, baina ez ditugu behar esloganak botaz bizi direnak. Eta aizu, ez zait gaizki iruditzen, ez dut epaituko horrela bizi nahi duena, baina arriskutsua iruditzen zait jendeak pentsatzea pertsona horien diskurtso hutsalak inportanteagoak direla egunero ikasgelan dauden irakasleen esanak baino. Kezkatzen nau gurasoek eta gizarteak pertsonaia batzuk erreferente gisa hartzeak eta seme-alaben irakasleari baino kasu gehiago egiteak; sinestea hura dela ikasgela, baina hura ez da ikasgela. Hezkuntza espektakulu bihurtzen ari gara, enpresek eta banketxeek sustatutako ekitaldi eta sariekin nahasten. Niri ere esan izan didate, ez pentsa, ea zergatik ez dudan batean edo bestean parte hartzen, mediatizaturiko hainbat pertsonaiaren diskurtsoei aurre egiteko. Baina nire buruari galdetzen diot, zerk merezi du gehiago, hor esango dudanak ala denbora hori nire ikasgelari eskaintzeak? Azken finean, hedabideetan jende kritikoa ez egoteak ez nau bereziki kezkatzen, gehiago kezkatzen nau jende kritikoa ez egoteak hezkuntza batzordeetan, administrazioan… Erabaki-guneetan. Enpresa eta banketxeak aipatu dituzu. Erakunde pribatuak gero eta sartuago daude hezkuntzaren merkatuan. Makroerakunde pribatuek dirua irabaztea dute beti helburu eta beraz hezkuntzan negozioa dagoen bitartean hor jarraituko dute. Etekin handiko zein bi negozio gelditzen dira oraindik esplotatu gabe? Hezkuntza eta osasuna, eta ari gara ikusten zer ari den gertatzen bi sektore horietan: pribatizazioa, kanpo-agenteen parte-hartzea, zerbitzuen azpikontratatzea… PISA adibide bat baino ez da: azterketaren egileek datu ekonomikoak bakarrik dituzte buruan eta ez zaie batere inporta gure gazteen ikasketa. Eta gainera azterketa ilegalak dira, inongo araudik bermatu gabe eta diru publikoz ordainduta egiten baita PISA ikastetxeetan. Eta diru askoz ari gara, surrealista da. Enpresa pribatuak negozioa egin nahi izatea zilegi da, baina hezkuntza publikoak ongi babestuta behar luke, eragin neoliberal horien aurrean. Kontua da politikariei eskola publikoak molestatu egiten diela eta enpresei ateak irekitzen dizkietela. Imajinatu administrazioak esango balu, "hemendik aurrera argitaletxeen testu-liburuak alboratu eta guk geuk editatuko dugu materiala, eta urtero fotokopiatuta banatuko dugu ikasleen artean". Horren ordez, testu-liburuentzako diru-laguntzak ematen dira; zeini interesatzen zaio hori? "Imajinatu administrazioak esango balu, 'argitaletxeen testu-liburuak alboratu eta geuk editatuko dugu materiala'. Horren ordez, testu-liburuentzako diru-laguntzak ematen dira. Zeinen mesedetan?" Berrikuntza aldarrikatzeko, "eskola tradizionala" kontzeptua asko erabiltzen dela eta egungo ikasgelekin bat ez datorren topikoz jositako ikuspegia ematen dela diozu liburuan. Azken finean, ez dago hezkuntza eredu bakarra, irakasleak bezainbeste eredu baizik. Tradizio onak eta tradizio txarrak daude, eta adibidez klase magistrala hartzen da eskola tradizionalaren eredu negatibotzat, aldebakarrekoa eta pasiboa bailitzan, baina era askotara egin daiteke klase magistrala, eta mundu guztiak ez daki klase magistral on bat ematen, denen arreta harrapatzeko gai izango den, adibideak tartekatu eta ikasleen parte-hartzea bermatuko duen klase magistrala… Beste kontu bat da "klase magistrala" esaten denean zer saltzen diguten eta zer datorkigun burura. Nik batik bat garaiekin bat datozen irakasleak ikusten ditut inguruan, dinamikoak. Hori esanda, jakina praktika txarrak daudela, alboratu beharrekoak. Ate itxien politika adibidez (pentsatzea ikasgela zerbait propioa eta pertsonala dela), lan bileretan hezkuntza metodologiez ez hitz egitea, ikasgai isolatuen dinamika… Beste topiko bat: ikasleak lehen diziplinatuagoak ziren. Agian nik institutu anormal batean ikasiko nuen, baina nire sasoian bonba-mehatxuak ohikoak ziren, jolastorduan erretzea, komunetan pintaketak egitea… Gaur egun nik ez dut pintaketarik ikusten, komunak garbi-garbi daude eta irakasleok kontrolatzaile erabatekoak dirudigu, dena zelatatzen, ezertxo ere pasa ez dadin. Baina egungo gazteak ez dira lehengoak baino indiziplinatuagoak. Ados, lehen adin batetik aurrera eskola uzten zuten gazteak orain DBHko geletan dituzu, eta ez kalean, edo lehen segregatzen zituztenak orain gelan izan ditzakezu; baina nahiago ditut ikasgelan, kalean baino. Beldur den gizarte bat eratu dugula uste dut, errealitatea manipulatu dugula, baina datuek diote egungoa ez dela garai batekoa baino gizarte biolentoagoa. Pertzepzioa da aldatu dena, eta guztia kontrolatzeko beharra. "Egungo gazteak ez dira lehengoak baino indiziplinatuagoak. Ados, lehen adin batetik aurrera eskola uzten zuten gazteak orain DBHko geletan dituzu, ez kalean, baina nahiago ditut ikasgelan" Bloga daukazu, baina esan izan duzu interneten ez dagoela benetako eztabaida sakonik hezkuntzaren inguruan. Internetek ez du ikasgelako egunerokoa islatzen; islatzen du "salgarria" dena, proiektu eder eta liluragarrien emaitza positiboa, baina bidean izandako zailtasun eta hutsegiteak albo batera utziz. Blogean saiatzen naiz eztabaida sustatzen, baina egia da eztabaida serioa falta dela. Dena den, sare sozialak ez dira eztabaida serioa egiteko lekua, arazoa da zentroetan ere askotan faltan botatzen ditudala eztabaida pedagogiko sakonak. Skype bidez elkarrizketatu dugu Jordi Martí. Bere hitzetan, irakasle-robotaren antitesia da, kaotikoa. "Ikasleei erremintak eman behar dizkiegu egunerokoan biziraun dezaten, ahalik ongien bizi daitezen eta borrokarako denbora izan dezaten, soilik lanerako denbora duenak ez duelako borroka egingo, ez du iraultza egingo".
news
argia-4002c1a0279b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/pauso-erdirik-ez-atzera.html
Pauso erdirik ez atzera
Juan Mari Arregi
2018-03-18 00:00:00
Pauso erdirik ez atzera Joan den astea historikoa izan zen, bai Euskal Herrian eta baita Espainiako Estatu osoan ere. Mobilizazio jendetsu eta handiak egin dira pentsionisten eta emakumeen eskutik. Biek jarri dute mahai publikoaren gainean milioika pentsionistei eragiten dieten murrizketa ekonomiko eta sozialak, hala nola milioika emakumeri eragiten dien berdintasun falta. Egoera horiek, bestea beste, Estatuaren eta administrazioen inbertsio publikoa eskatzen dute. Asteak publizitate hutsa diren irudiak ere erakutsi dizkigu: euren esku irtenbide politiko, ekonomiko eta sozialen zati handi bat dutenek (gobernuak, parlamentuak…), emakume eta pentsionisten kezka eta aldarrikapenekin bat egiten dutela diote. Eta ikusi ditugu hedabideetan lazo morea soinean zutela, eta emakumeen edo pentsionisten alde adierazpenak egiten. Marea sozial eta feminista, oraingoan hain izan da handia, inork ez duela argazkitik kanpo geratu nahi izan. Botoek balio handia dute, eta denek erakarri nahi izan dute beren sorora gertaturikoa. Ez gaitezen engaina. Martxoaren 8a igaro da, mobilizazio jendetsuak ere bai, eta dinamika horrek denbora luzez ezin duela iraun uste duten politikariak neguko kuarteletara itzuli dira. Mobilizazio sozial, feminista eta herrikoiek aurrera jarraitu behar dute derrigor, pauso erdirik atzera egin gabe. Garaia da politikari eta gobernu horiek euren konpromisoak bete eta irtenbide politikoak bila ditzaten kalean dauden eskaerei erantzuteko. Gezurra da ez dagoela dirurik pentsio duinentzako eta berdintasunaren bidean soldata arrakalarekin amaitzeko. Arazoa da nola banatzen ditugun aurrekontuak eta zein lehentasun ematen diegun. Pauso erdirik ez atzera!
news
argia-348e6a2f5060
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/larru-bizirik.html
Larru bizirik
Irati Elorrieta
2018-03-18 00:00:00
Larru bizirik Gizonezkoak "y se la folla" esaten du, esaldiari denok irudikatu dezakezuen keinua gehituz. Erre egiten dit barruko zuntzen bat bere adierazpenak. Zuzentasunaren zuntza deituko diot. Gero konturatzen naiz bere hitz aukeraketa ez dela politikoki zuzena izango, baina egia bat ukitzen duela. Eszena arrunt bat interpretatzen ari zen, iraina pairatzen dagoenak beste inork dramatikotzat joko ez lukeena. Pairatzen dagoenak ere, ez dio beti dramatikotasuna aitortuko. Bortxaketa, agresioa, nagusikeria, neurrigabekeria ez da beti fisikoa. Askotan, gehienetan, egunero, zolia izaten da, sotila. Ondo aukeratutako hitz batzuk izan daitezke. Begirada bat, arma nahikoa. Larrutan egin gabe larrutzen zaituena gizonezkoa izan daiteke. Edo emakumezkoa izan daiteke. Besteak umiliatzeko gaitasuna ez du zakilak ematen. Patologikoak ez diren kasuetan, norberaren erabakia da. Gure erabakien erantzule garen neurrian, denok kuestionatu genitzake gure praktikak, praktikatu genitzake praktika berriak. Lagunak eta biok hizpide genuen kasuan, unibertsitatean zinema irakasle izan genuen eta bere burua feministatzat zuen emakume lesbiana batez oroitzen ari ginen. Zehaztapen horiek ematen ditut, ez haiek azpimarratzearren, hutsalak iruditzen zaizkidala esan ahal izateko baizik. Irakasle hark birrindu egiten zituen ikasle batzuk, emakumezkoak batez ere, edo soilik, ez nago seguru. Jarrera perbertso bat zen gure hizketa gaiaren zentroan genuena, baina egunerokoan barra-barra ia oharkabean gertatzen direnetakoa. Erruz, erraz, eguneroko harremanetan: familia barruan, unibertsitatean, lantokian, leihatiletan. Niri ez litzaidake burura etorriko halako begirada edo komentario iraingarri bat deskribatzen ari naizela "y se la folla" esatea. Ez zait bururatzen, ez dudalako horrela hitz egiteko ohiturarik, desatsegina egiten zaidalako horrelako esaldi bat ahoskatzea edota entzutea. Modu onetan hezia izan naizelako. Baina baita ere, ez dudalako sexu-kode  baten arabera irakurtzen nire inguruan gertatzen dena. Hitz egiten ari zen lagunak, ordea, beste hizkera batez gain, beste lente batzuk erabiltzen ditu, ez dio zuzentasun politikoari men egiten, eta erdiz-erdi asmatu zuen funtsean bere esamoldearekin. Metafora bihurtuta, noski. Batzuek adiera literalean egiten dutena, beste batzuek irudizko adieran egiten dute. Nabaria da emakumeak tiraniaz tratatzen dituzten albornozez jantzitako produktore eta zuzendarien ereduaren perbertsioa. Ez du deskodifikaziorako arazorik sortzen. Saihestezinak balira bezala onartzen ditugun egoera arrunt askoren eraso-izaeraz, ostera, sarri, ez gara konturatu ere egiten. Norbait negarrez irten da bulego batetik, eta zer? Zerbait aski ongi egiten ez dakielako zapata-zola baten altuerako autoestimuarekin irten da gainera. Xehatuta. Botere ezberdintasuna dago horrela deskribatzen diren harremanetan. Erasoa bizitzen dagoena beti dago egoera ahulean. Esan dezagun: prekarioan. Eta prekarioan dagoena ez da ziur sentitzen. Prekarioan dagoenak bere existentzia salbatu behar du nola edo hala. Prekarioan dagoenak balio duela demostratu behar du etengabe. Prekarioan dagoena beldur da "horrela ez" esateak izan ditzakeen ondorioez. Prekarioan dagoena bakarrik sentitzen da. Bakarrik, bere lotsaren konpainian. Eta orain: prekarioaren gain boterea duenak ondotxo daki guzti hori. Ondotxo daki nola profitatu ahuldade amalgama horretaz. Eta baietz asmatu zer egiten duen? Nik ez dut esango...
news
argia-87e0a2a984ef
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/artxoak-8.html
Artxoak 8
Estitxu Garai Artetxe
2018-03-18 00:00:00
Artxoak 8 Gu. Isildutako ahotsen jabe. Historia eta zientzia liburuetatik ezabatutakook. Gu. Erabaki guneetatik baztertutakook. Eremu pribatuan giltzapetuok. Prekarietatera kondenatuok. Lan berdinaren truke gutxiago kobratzen dugunok. Gu. Kontsumitu daitekeen objektu sexualtzat hartuok. Begirada lizun eta iruzkin zikinen xede. Gu. Bigarren planora baztertuok. Beldurrean heziok. Gau eta egun musu-truk lanean aritzera bultzatuok. Gu irainduok, jipoituok, bortxatuok, erailok. Gu… Gu, emakumeok. Gu, nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude haizeak daramatzan hitz politez. Nazkatuta gaude egun bakarreko itxurakeriaz. Nazkatuta haietaz. Haiek, gure gorputz eta sexualitatearen gaineko erabakiak ukatzen dizkigutenak. Haiek. Argazkia. Haiek. Dirua. Gure lanari esker aberastuak. Haiek. Boterea. Martxoak 9, 10, apirila, maiatza, ekaina… Egun batez martxoak 8 eta gainerako urte guztian artxoak zortzi, alkandora zuri eta gorbatarekin, kamerari begira irribarrez eta emakumeen etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzeko bileran. Greba deialdiaren arrakastetako bat hori izan, da, egonean eta eroso zeuden horiek deseroso sentitu dira berriro. Martxoaren 8a ez da makillajerako eguna Eta zer demontre, nazkatuta geunden martxoaren 8az ere. Borroka eguna behar zuena ekimen eta ekintza eza zuritzeko egun sinboliko hutsa izan da aspaldion. Baina aurtengoa ezberdina izan da. Zenbakiak zenbaki eta grebaren jarraipena gorabehera, deialdia ezin arrakastatsuagoa izan da. Agintari eta politika alorreko ordezkari asko eroso baino erosoago zeuden Nazioarteko Emakumeen Egunari lotutako ekitaldi eta abarrekin. Urtero-urtero, otsaila bukatzearen batera, berdintasunaren alorrean egiten den lana irudikatzeko unea iristen zen. Egunean bertan pare bat adierazpen egin eta kontzentraziora gerturatzearekin, kito, gai honetako urteko egitekoak beteta. Gero martxoak 9, 10, apirila, maiatza, ekaina… Egun batez martxoak 8 eta gainerako urte guztian artxoak zortzi, alkandora zuri eta gorbatarekin, kamerari begira irribarrez eta emakumeen etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzeko bileran. Greba deialdiaren arrakastetako bat hori izan, da, egonean eta eroso zeuden horiek deseroso sentitu dira berriro. Martxoaren 8a ez da makillajerako eguna. Grebak irabazi du egunaren esanahia leheneratu duelako, lehen lerroan jarri dituelako aldarrikapen feministak, patriarkatuaren eta kapitalismoaren batura zikoitzak dakartzan diskriminazio mota guztiak azaleratuta. Protagonismo osoa mugimendu feministak hartu du, ekitaldi eta egitarau instituzionalen gainetik, berdintasun aldarrikapen orokor eta zehaztu gabeen gainetik. Eta guztiak, guzti-guztiak, sentitu dira interpelatuta eta posizionatzera behartuta. Jarreretan garbi ikusi dugu gaur gaurkoz zeintzuk diren oraindik feministon aurkariak. Eta baita zeintzuk diren ardi larruz jantzitako otsoak, patriarkatuaren zaindari finak ere. Inkisizioaren oihartzunak eta deabruak ere egin dute agerpena, atera kontuak. Bestalde, greba deialdia berezia eta bakarra izan da. Nazioartekoa izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ikusgarritasuna ere tamainakoa izan du. Emakumeek emakumeentzat eraikitako proposamenak gure egoera izan du abiapuntu: lan etena ez ezik, zaintza eta etxeko lanak eta kontsumoa ere grebaren parte izan dira. Bakoitzak, bere errealitate eta eguneroko jakinetik egin beharreko ahalduntze prozesua oinarri hartuta, alegia.   Ez dago zalantzarik, feminismoak ez badu eraldaketa gidatzen, normaltasunez mozorrotutako patriarkatuak gidatzen du. Aurtengo martxoak 8a urrats garrantzitsua izan da horretan, baina guk eta barruan dugun deabrutxoak, planto egiten jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere.
news
argia-ccd9d17611a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/martxoaren-24an-euskararen-ofizialtasunaren-aldeko-manifestazioa-izanen-da-irunean.html
Martxoaren 24an, euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestazioa izanen da Iru�ean
Ahotsa.info
2018-03-06 00:00:00
Martxoaren 24an, euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestazioa izanen da Iru�ean Euskarari eta euskaldunoi ezartzen zaizkien mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzea ezinbestekoa dela uste du Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak. "XXI. mendean euskarak ez du etorkizuna ziurtatua", nabarmendu du EHE mugimenduak Iruñean martxoaren 24an eginen den manifestazioaren aurkezpenean. EHE-k salatu nahi izan du "euskara zulo beltzera itzularazi nahi dutenek" ere badirela, eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak "bigarren mailakoak" direla. "Frantziar eta Espainiar estatuetako botereak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin", eta Katalunian gertatzen ari dena, non hizkuntz eskubideak eta hezkuntzan murgiltze-eredua mehatxupean dauden 155 artikuluaren aplikazioarekin, ekarri dute gogora, Euskal Herrian ere gerta daitekela ohartaraziz. "155 artikulua euskararekin ere deklinatuko dute, euskaldunon aurka ekiteko erabiliko dute aurrera egingo dugun heinean", esan dute agerraldian. Ildo horretan, burujabetza aldarrikatu dute euskarari etorkizuna emateko eta euskaraz bizi ahal izateko. "Jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emateko beharra dugu eta horretarako baldintzak daude", aipatu dute. Horretarako, ezinbestekoa izango dira "euskaltzaleon grina eta ekimena". "Euskaraz bizitzera goaz" aldarria iraultza sozial bilakatzera goaz", ziurtatu dute. Baina zehaztu dute garrantzitsua dela Euskal Herriaren alde dauden eragile politiko, sozial eta ekonomikeak "euskara euren jardueren erdigunean kokatzea". "Euskal Herria berreuskalduntzea da euskaltzaleon lanaren iparra. Hori erdiesteko euskararen berreskurapena eta normalizazioa azkartu eta bururaino eraman behar dugu", eta hainbat lan eremuetan sakontzea proposatu dute, euskararen ezagutza unibertsalizatuz, euskararen erabilera orokortzeko planak indarrean jarriz, Euskal Herria berreuskalduntzeko plan estrategiko nazional bat definituz eta hori gauzatzeko bitarteko nahikoak jarriz. Eta hau guztia aurrera eramateko, lege berri bat aldarrikatu dute, non euskara berezko hizkuntza, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatuko denik. "Ezinbesteko faktore bat dago: burujabetza", eta bide horretan desobedientzia ariketa erraldoi bat egiteko beharra azpimarratzen dute. "Euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goazela ozen aldarrikatzeko" erabiliko da martxoaren 24an Iruñeako Autobus Geltoki Zaharretik abiatuko den manifestazioa, eta mobilizazio horretan parte hartzeko deia luzatu diete euskaltzale guztiei. Informazio hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
news
argia-f7d0a1964330
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/paz-frances-lekunberri-zigorraz-bestelako-bideak.html
"'Espetxe' eta 'iraunkor' hitzek alarma piztu beharko liokete gizarte demokratiko bati"
Ane Eslava Serrano
2018-03-18 00:00:00
"'Espetxe' eta 'iraunkor' hitzek alarma piztu beharko liokete gizarte demokratiko bati" Espetxearen abolizionista gisa definitzen du bere burua Paz Frances Lekunberri legelariak (Iruñea, 1983). Zigor sistemaren eta patriarkatuaren arteko lotura aztertu zuen 2016an, eta lehena bigarrenaren "irudi eta antzera" sortua dagoela ondorioztatu zuen. Kezkagarritzat jo du gizartean, azkenaldian, delitugileentzako espetxealdi luzeak eskatzeko dagoen joera, eta zenbait alternatiba proposatu ditu. Azkenaldian asko hitz egin da espetxealdi irakunkor berrikusgarriari buruz, eta horren aldeko sinadura bilketa ere egin dute. Kezkagarria da? Bai, oso. Zigorraren logikak gure gizartean errotuta daude, guztiz: institutu batean gazte batek arazo bat duenean, hori konpontzeko dugun baliabide bakarra zigorra da. Horregatik, norbaitek oso garrantzitsuak diren gauzei kalte egiten dienean –bizitza edo sexu osotasuna, kasurako–, asko kostatzen zaigu logika horietatik irtetea eta epe luzeko erantzun integralak topatzea. Adi egon behar dugu, fenomeno konplexuen aurrean erantzun hutsaletan ez erortzeko. Zigor horren alde egoteko arrazoietako bat ezjakintasuna izan liteke? Gizarteak espetxealdi irakunkor berrikusgarriaren inguruko informazio eskasa du, eta komunikabide handietan ez dute azaltzen zer esan nahi duen, iritzi politikoetatik harago. Gizarteak, alde edo aurka egin ahal izateko, informazioa behar du; eta egiazkoa, ez amarrutsua. Gure gizartearen zeinu negatibo bat da halako zerbaiten aurrean denok batera kalera irteten ez garenean. Izan ere, formakuntza politikoa duen gizarte demokratiko bati, "espetxe" eta "iraunkor" hitzek alarma piztu beharko liokete. Zigorraren populismoari buruz hitz egin da. Ados zaude kontzeptu horrekin? Bai. PP saiatzen da kasu zehatz batzuei berehalako erantzuna ematen; eta horri populismo deitzen zaio, eta helburu elektoralistak ditu. Baina, gainera, zerbait larriagoa egiten du: gizakien eskubideak urratzen ditu. Zintzoa al da Madrilgo Gobernuan dagoen alderdiak "La Manada" edo Diana Quer bezalako kasuen biktimen mina erabiltzea neurri baten aldeko kanpaina egiteko? Indarkeria matxistako kasu zehatz batzuen ondorioz, gizarteak kondena gogorragoak aldarrikatzea kezkagarria dela diozu. Zergatik? Hor biktimen erabilpena dagoelako. Gobernuak, eta zehazki PPk, erabiltzen ditu gizonezkoek sistematikoki bortxatzen dituzten emakumeak, zigor politika zehatz batzuk sortzeko; ondoren, esaten du zuzenbide penalak emakumeak babesten dituela. Haatik, antidoto horiekin, erantzukizuna soilik errudunengan jartzen dute, eta estaltzen dute haiek egiten ez dutena: indarkeria matxista bultzatzen duten botere egiturak suntsitzea. Horregatik esaten dugu arriskutsua dela feminismoek sistema penalera jotzea. Zigorren gogortzea biktimak babesteko arrazoiarekin justifikatzen dute. Hala diote batzuek, baina argi utzi behar dugu ez dagoela inongo erlaziorik biktima babestearen eta zigorraren artean. Hori falazia bat da. Gizartea babestu nahi badugu, ahaleginak neurri sozialetara bideratu beharko ditugu. Izan ere, zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko batean, zuzenbide penala azkeneko ratioa izan beharko luke. Espainiako Estatuko Zigor Kodea, neurri hori gabe ere, oso gogorra da. Bai, neurri hori ezarri aurretik Espainian 40 urte arteko zigorrak zeuden. Delitu gutxien egiten diren Europako herrialdeetako bat da, eta kartzelan pertsona gehien dituenetakoa. Horrek esan nahi du Zigor Kodean delitu gehiago aurreikusita daudela eta espetxearen erabilera izugarria dela. Ez dago frogatua, ordea, zigor gogorrek delinkuentzia tasa murrizten dutenik. Hala da. Europan ez dago ikerketa askorik; baina AEBetan, adibidez, frogatu dute heriotza zigorrak eta biziarteko espetxe zigorrak ez dietela pertsonei delituak egiteko asmoa kentzen. Ikusi da delitu larriak egiten direnean, atzetik arrazoi sozialak daudela; egiturazko arazoak. Zein beste neurri aplikatu beharko lirateke, orduan, gizartea babesteko? Lehenik, beharrezkoak diren politika sozial guztiak ezarri behar dira: oinarrizko errenta, hezkuntzari zuzendutako laguntzak, berdintasuneko hezkuntza... Hori baita delitua saihestea, pertsona guztiei eskubide eta baliabide gehiago ematea. Horrek huts egiten badu, beste aukera batzuk bilatu beharko ditugu; adibidez, administrazio-zigorrak. Eta, azkenik, horrek guztiak funtzionatzen ez badu, zuzenbide penalera jo beharko dugu. Hemen, ordea, aurreko guztia ahazten da: PPren gobernuarekin gizartea pobretu egiten da, desberdintasunak areagotzen dira eta azkeneko ratiora goaz, zuzenean. Ordenari buelta ematen diote, eta hori herrialde faxista baten berezko jokaera da: autoritarismoa. Indarkeria matxistaren kasuan, zein litzateke bide egokia? Zerrenda bat egitea ezinezkoa da; baina, hasteko, prebentzioa ezinbestekoa da. Patriarkatua zalantzan jarri behar dugu, bai eta orain arte izan dugun pribilegio egitura ere. Eta, zehazki, biktima bat dagoenean, hari galdetu behar diogu zer behar duen. Inork ez dio galdetu Sanferminetan bortxatutako neskari zer behar duen. Adibidez, 2015ean, Nafarroan, Delituen Biktimen Arretarako Bulegoa sortu zuten, hainbat neurri eta baliabide eskaintzen dituena; eta nik halako urratsak txalotzen ditut.
news
argia-0ab57561ce99
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/goebbelsen-irrati-gudua.html
Goebbelsen irrati gudua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-03-18 00:00:00
Goebbelsen irrati gudua Frantzia, 1939ko abenduaren 16a (Saxonia). Radio Humanité irratiaren emankizunak hasi ziren. Frantziarrek ez zekiten emisioak nondik zetozen, igorleak errepikagailua aldatzen baitzuen aldiro. Irratiak berak zioen Frantziako Alderdi Komunistaren ahotsa zela, eta irratiaren izenak berak L'Humanité egunkari komunista zekarren gogora. Baina irratia sortzeko agindua Berlindik etorri zen aste batzuk lehenago. Protokoloa Joseph Goebbels (1897-1945) informazio eta propaganda ministroak berak sinatu zuen urriaren 30ean. Irratia arma indartsua zela jabetuta, Goebbels doktoreak etxean probatu zuen lehenik. 1933an diru-laguntza partida handia bideratu zuen irrati-hargailuen ekoizpenera, produktua askoz merkeago saltzeko. Gerra pizterako, zazpi milioi irrati saldu zituzten Alemanian. Irrati uhinen bidez alemaniarren etxeetan eta buruetan sartu zen propaganda ministroa. 1939 urtearen amaiera, Frantziako Guduaren atarian, uhinek arerioen lerroa zeharkatzeko garaia zen. Igorgailu indartsuak instalatu zituzten Kolonian, Stuttgarten eta Leipzigen eta frantsesezko buletinak ematen hasi ziren. Alemaniar espioiei buruzko gezurrak zabaldu zituzten, esaterako, mojaz mozorrotuta ezkutatzen zirela. Hala, zenbait kasutan, frantziar soldaduek mojak bildu eta eskuak eta zintzurra begiratzen zizkieten, gizonezkoak ez zirela egiaztatzeko. Beste mamu batzuk ere erabili zituzten estrategiaren lagungarri; jauskariei zeruaren koloreko uniforme urdin argiak eman zizkieten "ikusezinak" izan zitezen. Espioien errezeloa izurria bezala zabaldu zen eta, alarma faltsuen mehatxuak bultzatuta, milaka eta milaka frantziarrek etxea utzi zuten leku seguruago baten bila. Goebbelsek "artaldea" nahi bezala gidatzeko ordua zen. "Toki seguruetara iristeko alemaniarrik gabeko bide" jakinak erabiltzeko gomendatu zieten buletinen bidez. Bide horiek frantziar tropek hornigaiak, armak eta zaurituak batetik bestera eramateko erabiltzen zituzten; jende uholdeak irratiz gidatuta, frantziar ejertzitoaren bideak kolapsatu zituzten eta, bide batez, alemaniar Panzerrek Parisera iristeko erabiliko zituzten bideak garbiago geratu ziren. Gerra irabaztea beste kontu bat izango zen, baina Frantziako fronteko irrati gudua erraz irabazi zuen propagandaren maisuak.
news
argia-c5b011063255
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/edertasun-hurbila.html
Edertasun hurbila
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-03-18 00:00:00
Edertasun hurbila Puccini-ren La Bohème obra guztiz atsegina da, operazale eta ez hain zaleentzat. Sentimendu gordin eta errealak irudikatzen dira: bakardadea, maitasuna, elkartasuna, beldurrak… Agertzen diren pertsonaiak ez dira hain "nobelakoak", egiazkoak baizik. Horrexegatik suertatzen da hain hunkigarria. Zaila da negarrik ez egitea istorioaren bukaeran, modu batean edo bestean denok identifikatzen garelako sentimendu horiekin. Opus Lirica elkarteak Donostian egindako produkzioa haratago joan zen. Aurrean aipatutako bertuteei, taula gainean izan genuen taldearen freskotasuna eta gertutasuna gehitu zizkien. Iragarri zuten Francisco Corujo tenoreak arazoak zituela eztarriarekin eta, beraz, ezin izango zuela "dena" eman saio horretan, axola gutxi ordea. Ahots aldetik guztiz biribil ez ibili arren, interpretazio adoretsu eta sinesgarria egin zuen, oso "benetakoa". Eta hori izan zen publikoarengana iritsi zena. Baina, guztien artean, aitortu behar da Ainhoa Garmendia sopranoak bere distira hedatu zuela auditorioan. Adierazkortasuna, samurtasuna, eta teknika fin-fina eskaini zituen. Lehenengo ekitaldian hain ederra den Si mi chiamano Mimi ezin gozoagoa egin zuen. Hitz bakoitzari eman zion inflexio eta tonu egokia Mimiren aurkezpena egiteko. Jakin zuen pertsonaiari sakontasuna ematen eta urtu egin zituen entzuleak aria horrekin. Bestalde, zur eta lur utzi gintuen hirugarren ekitaldiko Donde lieta uscì ariarekin, adierazkor eta ongi kantatua. Helena Orcoyen sopranoak Musetta bizia egin zuen. Ahots motzagoa du baina primeran kolokatzen du eta, horri esker, Quando m'en vo bals famatua ederki iritsi zitzaigun. Aipamen berezia merezi du Andrei Bondarenko baritono ukrainarrak, Marcello erakargarria interpretatu zuelako. Ezin hobeki emititzen du ahotsa abeslari honek, eta auditorio osotik garbitasunez entzuten da. Opus Lirica orkestra, José Rafael Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean, doitasunez baina distira berezirik gabe aritu zen. Ongi azpimarratu zituzten ahotsak, halere. Pablo Ramosen eszena-zuzendaritza eta Raúl Arraizaren eta Koldo Taintaren eszenografia oso lagungarriak izan ziren gertutasun-giro berezi hori lortzeko. Disfrutagarria.
news
argia-773cc73ba23e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/eskola-euskaldun-publiko-bat.html
Eskola euskaldun publiko bat
Ruben Sanchez Bakaikoa
2018-03-18 00:00:00
Eskola euskaldun publiko bat Ibilaldia 1986. Baldin Bada taldearen kantaren hitzak: "Bat eta bera nahikoa euskararentzat ere, aukera publiko bat".    Eusko Jaurlaritzatik bultzaturiko hausnarketa daukagu mahai gainean. Badirudi hitzarmen estrategikoa izateko asmoa duela, eta beldur naiz EAEn (Euskal Autonomia Erkidegoa) mamiari helduko diogun edo bakoitzak bere txiringito a blindatzera joko duen. Mamia da milaka umeren hezkuntza EAEn. Denena. Abiapuntua ez da oso ona. Barneratu dugu –kristautasunaren izenean, kooperatibismoaren izenean, pedagogiaren izenean, gurasoen aukeratzeko eskubidearen izenean– ume batzuek X hezkuntza, beste batzuek Y eta besteek Z izatea. Euskararen bidea –irakaskuntzan ere– ez da orain arte samurra izan. Eta bai, etsaiak izan ditu, etxean eta estatuetan. Baina EAEn, gaur eta hemen, ez badugu indarrean jartzen sistema bat murgiltze linguistikoa ezartzen duena ume guztientzat, euskararen biharko arazoentzat hazia ereiten ariko gara gaur. A, B eta D ereduak justifikatu izan dira gurasoen erabakitzeko eskubidean, baina gaur egun A ereduko eskola publikoei guraso heldu berriak hara "bideraturik" eusten diete. Ez daukagu erraza, hala ere, "bat eta bera nahiko"-ra iristeko. Lehen arazoa da nekez konbentzituko ditugula eskola kontzertuetako komunitateak beren status pribilegioduna uzteko, ume guztiendako eskola publiko hobe baten mesedetan. Ez dute nahi. Finantziazio bikoitza izateak –diru publikoa eta familien kuotak– abantailak ematen dizkie bakoitzak bere txiringitoa sinesten duenaren arabera antolatu eta gizartean baliabide gutxien dauzkaten pertsonen seme-alabak patioan ez izateko –herri gutxi batzuetako zenbait eskola kontzertaturen salbuespenez, arau orokorra da–. Ikasleen erdia kontzertatuetan daude, eta aliaturik bilatzekotan, karitate kristauan gutxi sinesten dudanez, gertukoenak Ikastolen elkartekoak dira. Nik galdetzen dut, bat egin ahal dugu eskola euskaldun publikoa "baldin bada": – Murgiltze eredu bakarrekoa? – Ikastolen Elkartean izan duten autonomia gutxienez –eta ahal bada gehiago– izango duena –eta gainera haien ondare pedagogikoa publikora ere ekarriz–? – Orain arte haiek finantziazio bikoitzaren bidez izan dutena finantziazio publiko hutsez izango duena? – Eta, ikastolen elkarteko beharra duten lurraldeetan (Seaska, Nafarroa, Trebiñu...). Ikastolen elkarteak emandako laguntza ematen jarraituko duguna? Ez dut ezer suntsitzerik nahi, Ikastolen Elkartean aliatu bila ari naiz bihar euskaldun izan daitezen ume "eskandinaviar blondak, korearrak eta swahili beltzak". Bultzatu dezagun eskola euskaldun publiko bat. Eta hori nahi ez duen helduak ordaindu dezala osorik berak nahi duen eskola pribatua.
news
argia-e8636bc742a9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/juan-martin-elexpuru-hizkuntzalaria.html
"Datuek erakusten digute Sardiniakoak euskararen aztarnak direla"
Miel Anjel Elustondo
2018-03-18 00:00:00
"Datuek erakusten digute Sardiniakoak euskararen aztarnak direla" Euskara eta paleosardiniera –erromatarrek irla konkistatu baino lehen Sardinian hitz egiten zen hizkuntza–, lotu ditu Juan Martin Elexpuru (Ubera, Bergara, 1950) idazle eta hizkuntzalariak Euskararen aztarnak Sardinian? (Pamiela, 2017) liburuan. Lehen-lehenik, harridura eragiten duen hipotesia, ez berria. Badakizu harrimena eragiten duela euskara eta Sardiniako hizkuntza zaharra loturik daudela aditzeak. Jakina. Hala ere, lehenengo datuak eman behar dira han euskararen arrastoak daudela baieztatzeko. Helburu horixe gogoan, saiatu naiz liburu honetan. Ez naiz horretan saiatu den lehena, ez proposamena egiten ere lehena, baina bai agian datu gehien eman duena, toponimian eta bestetan. Ikerlana eginda, datuak mahai gainean neuzkala, hipotesiak egitea zegokidan, eta horrixe lotu nintzaion. Hipotesien artean –eta ez nirea bakarrik–, hipotesi nagusia da azken glaziazioaren ondoren, izotza erretiratu zenean, gure gune geografiko honetatik, "euskal babeslekua" edo "franko-kantabrikoa" esaten zaionetik, jendea hara eta hona barreiatu zela. Besteak beste, Sardiniara. Noiz? Mesolito garaian, ziurrenik. Duela zazpi-zortzi edo hamar mila urte, jendea ez baitzen behin bakarrik mugitu. Mugitu zela, berriz, segurua da. Hipotesi horren alde daude arkeologoak eta genetistak. Bada beste hipotesi bat, euskara Anatoliatik etorri zela dioena. Neolito garaian gertatuko zen etorrera. Honenbestez, lehenengo hipotesiak adierazten duena ez, baina alderantzizko bidea genuke: giza jende hura Sardiniatik igaroko zen Euskal Herrira baino lehenago. Baina indar gutxiago du bigarren hipotesi honek, nahiz eta baduen bere pisua. Eta bada beste hipotesi bat ere, zeinaren arabera euskarak eta paleosardinierak bietatik izango baitute, ekarpen paleolitikoa, babeslekukoa, eta neolitikoa, ekialdetikoa. Bien fusioa, alegia. Liburuan irakurtzen ahal dugunez, duela 100 urte ere heldu zioten gai honi hizkuntzalariek. Vittorio Bertoldik, besteak beste. Garai hartan modan zegoen substratu mediterraneoaren teoria. Hitz gutxitan, teoria horren arabera, egun Mediterraneo aldean hitz egiten diren hizkuntza guztiak kanpotik etorriak dira, eta ez oso aspaldi ere: hau da, Kristo jaio baino mila edo bi mila urte lehenago heldu ziren greziera eta hizkuntza italikoak –latina, tartean–, Mediterraneo aldera, espantsio indoeuroparrarekin batera. Herri indoeuropar horiek, inondik ere, bertan aurkitu zituzten kultura eta hizkuntzek erabiltzen zituzten hainbat kontzeptu bereganatu zituzten, dela kontzeptu abstraktuak, dela leku, animalia, landare eta besteren izenak; substratu mediterraneoaren teoriaren arabera, betiere. Bada esaten duenik –eskola italiarrekoak dira, batik bat–, grezieran nahiz latinean ageri diren hizkuntz elementuen %40 substratu horretakoak direla. Uste horretakoa da Bertoldi, beste hainbatekin batera. Zertan da, orduan, gure eguneko hizkuntzalari Eduardo Blasco Ferrerren ekarria? Bertoldi eta gainerakoen garaian, euskara eta paleosardiniera lotzeko froga, zenbait hitz baino ez ziren: gorosti / golostri ; mukuru / mogoro ; ospel / ospile … dozena bat hitz zituzten eta zenbait toponimo. Blasco Ferrer, aldiz, askoz urrunago heldu zen. Substratu mediterraneoaren teoria aintzat hartu gabe, euskararen eta paleosardinieraren arteko senidetasunari ematen dio garrantzia. Blasco Ferrerren iritziz, jatorrian hizkuntza bat bera ziren euskara eta paleosardiniera eta, gero, bakoitzak bere bidea hartu zuen. 2010ean ekin zenion estreinakoz buru-belarri Sardinian. Iruña-Veleia dela eta, Luis Silgo hizkuntzalari valentziarrak Blasco Ferrerren lana aipatu zidan. Liburua argitaratzeko zorian zegoela, antza. Blascorekin harremanetan jarri nintzen. Orduan heldu nion gaiari, neure buruari galdera eginda, liburuaren izenean egiten dudan moduan: Euskararen aztarnak Sardinian? , galdera ikur eta guzti. Izan ere, aspaldiko kontuak diren kasuetan, ziurtasunak urri dira. Galdera eginda, hari erantzuten saiatu naiz, eta konklusioetara iristen. Eta, nire ustez, datuek horixe erakusten digute, euskararen aztarnak badirela Sardinian. Beste inork besterik esaten baldin badu, edo kontra egiteko aski argudio baldin badu, esan dezala. Sardiniako mapa osatu duzu, euskararen aztarna duten toponimoak ageri direla. Asko baino gehiago dira. Asko dira, bai. Sizilian gauza bera egiten saiatu naiz, eta ez dago ia horrelakorik. Hiruzpalau kointzidentzia, besterik ez dut aurkitu. Sardinian, aldiz, ugari dira euskal erroren bat dutenak, nik 4.000tik gora zerrendatu ditut. Bestalde, harrigarria da horien artean Aspidatzu, Urrosolo, Meskiriz, Izturiz bezalako izenak egotea. Non agertzen diren ere, esanguratsua da. Sardinian, irlaren erdi ekialdera ageri dira gehien "euskal" izenak, hau da, orografia guztiz kaotikoa den alderdian, konkistatzaileek oso nekez mendean hartu izan dutenean; Barbaria izena eman diote alde horri. Eta hortxe euskararen izen gehien. Hizkuntzan bertan ere badira ezaugarri oso bereziak, r-aren erabilera eza hitz hasieran, v-rik ez agertzea… Ebidentziak handiak izanagatik ere, kexu zara Euskal Herriko komunitate zientifikoak ez diolako gaiari arretarik ematen. Lehenik, onartutzat ematen dute euskarari ez zaiola seniderik aurkitu, ez hizkuntza hilen artean, ez bizien artean ere. Eta orain artean gure komunitate zientifikoko kideek ez badute aurkitu, beste inork ere nekez aurkituko duela uste dute. Esan bai, esaten da: "Ebidentziak aurkitzen badira, onartuko ditugu". Baina gero ez da horrela. Bigarren arrazoi bat ere badago. Antzinateaz dokumentazio gutxi dugunez –erromatar garaiko hilarri eta aldareetan agertzen diren euskal izenak besterik ez, ia-ia–, berreraiketa hartzen da atzera egiteko metodo ia bakartzat. Sardiniako ebidentziak aintzat hartuz gero, berriz, –edota Iruña-Veleiakoak–,  berreraiketak pisua galduko luke, neurri batean behintzat. Neurri batean, hala ere. Bai, baina zenbaiti ez zaio gustatzen ezertan oker egon litekeela onartzea.  Hirugarren arrazoi bat: segurutzat ematen diren zenbait etimologia –esaterako, euskarazko hobi latinezko foveum -etik datorrela–, ezeztatuta geratuko litzateke Sardinian hitz edo erro hori usu agertzen bada hitz hasieran, erdian, amaieran… Blasco Ferrerrek azpimarratzen du hau bere liburuan.  Egia esan, ez zegoen haraino joan beharrik gurean hilobi , harrobi hitzak edo Errobi edo Urrobi ibai-izenak izanda. Edo soro-ren adibidea jar daiteke: [Euskal Hiztegi] Orotarikoaren arabera, latineko solum -etik dator. Hitz horrek euskaraz zoru emango zuen, bai, zolua , zapaltzen dugun hori, baina ez soroa edo soloa , "laborantza-lurra". Hizkuntza erromanikoetan solum -ek ez du "laborantza-soro" esan nahi inon. Sardinian soro zein solo ugari agertzen da. Sorabile erromatar garaiko herria da Barbarian, Orgósolo egungo herri famatua. Garbi daukat Sardiniako hainbat datuk Mitxelenak eta haren jarraitzaileek ontzat eman dituzten zenbait etimologia eta teoria zalantzan jartzen dituela. Edota hitzaren amaierako -a artikulua –determinatzailea deitzea hobe–, Erdi Arokoa omen dena; hipotesia izatetik ia dogma bihurtu da gure fakultateetan. Sardinian Arana, Arria, Barria, Basaura, Ilarra, Iria, Lasa, Maia, Sarria… bezalako toponimoak ageri dira, eta honek nire ustez teoria indargabetzen du. Iruditzen zait ofizioko euskal filologoek pozik egon beharko luketela aurkikuntza berriekin; esperantza dut begi-bistan dauden datuek gogoeta eragingo diela mundu horretan mugitzen direnei, belaunaldi zaharrei ez bada berriei. Oraingo belaunaldi zaharrak ez, berriak bai, menturaz. "Komunitate zientifikoak" sikiera erantzungo balu, argumentuak eman, kontra-argudioak bada ere. Arrazoinatuz gero, eztabaida daiteke, baina taktika ignoratzea da, aintzat ez hartzea, ezer ez esatea. Zortzi hilabete dira liburua argitaratu zenetik, eta oraindik ez da ez kritikarik ez iruzkinik publikatu. Aurkezpena egin genuenetik, honako ARGIAko hauxe dut prentsa idatziko lehen elkarrizketa, nahiz eta hedabide askorekin saiatu naizen. Badirudi "euskal elite kulturalak" ez duela Euskal Herriko Unibertsitateak edo Euskaltzaindiak esaten dutena besterik onartzen.
news
argia-c27b253c3cfe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/martxoak-8-greba-feminista.html
Zapalduenek plaza hartu zutenekoa
Estitxu Eizagirre
2018-03-18 00:00:00
Zapalduenek plaza hartu zutenekoa "Nondik edo handik lehertu behar du", "iraultza baterako baldintza objektibo guztiak daude", "jendea bizitzeko hain larri egonik, nola ez du kaleak irakiten?". Ezkerreko gizarte mugimenduek bilatzen zuten bizi baldintzak zukutzen ari den kapitalismoari kalean planto egiteko modua. Eta M8 Grebarekin gertatu da: gainezka egin du kaleak. Ezer ez da kasualitatea izan, eta aldi berean, inork aurrez irudikatuko ez zuena gertatu da, masa mugimenduetan ikustera ohitu garenez. Mugimendu Feministak tresna oso zorrotza estreinatu du grebarekin, eta hurrengo urtean are eraginkortasun handiagoa irabazteko eremua zabaldu zaio begi-aurrean. Denetan zapalduenak, emakumeak, dira greba honetan altxatu. Eta azken urteetan herriz herri militanteen sarea josten eta kalea mobilizatzen lanik handiena egin duen mugimenduak lortu du eguneroko bizitza gero eta zailago zaion gizarte oso baten haserrea bideratzea: "Gora borroka feminista!" lema (eta euskaraz) da 200.000 herritarrek gehien oihukatu dutena. Egun Euskal Herrian den borrokarik transbertsalena dela bistaratu da M8an, alderdi ia denetako oinarri soziala, eta bozkarik ematen ez duen jendea ere elkartu baitu kalean. Urtez urte egun hori kalean bizi izan duten aspaldiko feministek "historikoa" eta "inflexio puntua" hitzekin definitzen zuten momentuaren indarra. Mugimendu Feministak hurrengo urteetan are eragin handiagoa izan dezakeen tresna zorrotza estreinatu du aurten: Greba egitea, horrela praktikan frenatuz gizarte kapitalista eta patriarkala, bere oinarri guztietan aldi berean traba eginez: alegia, lantokietako produkzioan, etxeetako zaintzan, merkatuko kontsumoan eta pentsamenduaren eta ikasketen eremuan. Borroka molde horrek herritar bakoitzari zuzenki eragiten dio egun oso batez bere bizi baldintzetan, eta horrek ematen dio hainbesteko botere iraultzailea grebari: hasi gai hauetan sekula bi aldiz pentsatu ez duten gizon-emakumeetatik eta bukatu ideien munduan "aurrerakoi" sentitzen diren gizon eta emakumeetara, diskurtsoetatik praktika zehatz eta soil horretara pasatzerakoan, ezintasunekin egin dute denek topo, berdintasunaz dagoen espejismoa lurrundu da, diskurtso politikoki polit oro pitzatu zaigu, eta nork bere eguneroko kaiolen barroteekin eta pribilegioekin egiten du topo. "Kaos"aren indarra Greba egingo duzu edo ez? Eztabaida zabaldu da herri denetako kale izkina bakoitzeko herritarren artera. Greba borrokarako tresna zorrotz bihurtzeko gakoa izan da, lehen urte honetan, zentzu politiko osoz kargatutako "kaosa": alegia, ziurtasun bat soilik aldarrikatu izana, "emakumeok planto egingo dugu"; eta horrek askatzen dituen arazoei inolako konponbiderik aurrez ez ematea. Herritar eta eragile bakoitzak bilatu behar izan ditu sortu zaizkion galdera, arazo eta kontraesanen erantzunak. Horrek ekarri du praktika oso ezberdinak lantzea oinarrizko helburuari erantzuteko: nola bistaratu emakumeek eremu guztietan egiten duten lana? Baina eragile bakoitzak emandako erantzuna bezain indartsua izan da praktika zehatz horretara iristeko bidean eztabaidatu diren oinarriak, landutako arrazoiak, bakoitzak bere ekintzei emandako zentzua, politizazioa. Eragile bakoitza bere lekutik estrategikoki pentsatzen eta ekiten jarri du greba honek. Lanketa ideologiko honek bideratu ditu, hein handi batean, goizez zein arratsaldez deitutako mobilizazioetara. Aurtengo M8 borroka eguna izan da, aurreko Emakume Egunekin, krabelin moreekin batera zorion mezu ñoño bezain hutsak banatzen ziren haiekin zerikusirik izan ez duena. Eta aurtengo M8 lanaren kontzeptua erabat eraldatu eta edukiz bete duen langileen borroka izan da, jai huts bihurtutako M1eko Langileen Egunarekin zerikusirik izan ez duena. Bilboko manifestazioa. Argazkia: Aritz Loiola / Argazki Press. "Euskal Herri feminista eraikitzera" Mezu oso zuzenak eta zorrotzak entzun ziren mobilizazio guztietan, eta Mugimendu Feministaren azken urte luzeetako lanak jarraitu dituzten herritarrek oso erraz lotu dituzte aldarri horietako bakoitza planteamendu politiko oso batekin. "Ez gara protesta hutsean ari. Proposamen politikoak ditugu oinarrian. Euskal Herri feminista eraikitzera goaz! Ez gaituzte geldituko Euskal Herri feminista eraikitzea lortu arte!" mezu hori izan zen jendetzarik handiena batu zuen Bilboko manifestazio osteko ekitaldiko amaierako mezua. Mundu mailan ezker eraldatzaileak sinatuko lukeen diskurtsoa da M8ko Grebak egun horretan gizarteratu duena: Sistema kapitalista eta patriarkala hain garbi seinalatuta, bere kalteak errealitateko datuekin bistaratuta eta guztientzako bizimodu ona lortzeko planteamendu politiko osoak gizarteratuta. Horri gehitu Euskal Herriko hiriburu eta herri guztietan, euskara izan dela ardatza edo hizkuntza nabarmenki nagusietakoa, eta zehatz definitu dela zein den feminismotik eraiki beharreko "gure" eremua, zazpi lurraldeko Euskal Herria. M8az geroztik oso agerian geratu da, Feminismoak daraman borroka izendatzeko "ertzak" hitza antitesia dela. "Oinarria" da Feminismoak dantzan jartzen duena, gaurko bizimoduaren, munduaren, sistemaren, herriaren (egun dugunaren edo eraiki nahi dugun herri horren) "oinarria". Inoiz ez da izan "ertza". "Ertza" edo "zentroa", beste eragileek (indartsuenak hedabideak eta alderdi politikoak izanik) Mugimendu Feministari eta mugimendu honek planteatzen dituen gaiei ematen dieten lekua da, izatekotan. Baina hori, berez, gehiago da hedabideen eta alderdi politikoen arazoa. Honezkero Mugimendu Feministak, planteamendu politiko eta mezu hain garbiekin, M8an lortu duen transbertsalitateak txiki utzi baititu beste edozein eragileren proposamen politikoek kalean duten herritarren atxikimendua. Gasteizko manifestazioa. Argazkia: Arabako Alea. "Hau hasi besterik ez da egin" Greba feminista gainerako greben alderantzizkoa izan da: ohiko langile grebek lortu izan dute greba orokorrak izatea, eta langileen % oso handi batek praktikan egun horretan lan egiteari uztea. Baina greban dagoen langileria horren zati oso txiki bat da mobilizazioetan aktiboki parte hartu izan duena. M8ko Greba, lehen urte honetan, deialdi aldetik oso anitza izan da, baina lantokietan nagusitu dena ordu batzuetarako lanuztea izan da. Eremu bakoitzean praktikan benetan greba egin dutenen kopurua askoz ere txikiagoa izan da kaleetan mobilizatu dena baino. Herritarrengan lortu duen aldekotasun jarrera orokorra eta erabatekoa izanik, hurrengo urterako erronka hauxe pausatu zaigu denoi mahai gainean: nola lortu greba orokorra izatea praktikan, bai enpleguan, bai hezkuntzan, bai kontsumoan eta bai zaintzan? Eguneroko bizitza berriz dantzan jarriko digun hurrengo M8 are indartsuago bat sumatzen da aurtengo M9tik bertatik. Mugimendu Feminista are indartuago atera da mobilizazio honen ostean eta hurrengo urterako zabaldu zaion aukera baliatzen jakingo duela konfiantza irabazia du herritarren artean. Hurrengo urteko grebak inor ez du ezustean harrapatuko, eta bakoitzak bere erremintak are zorroztuago jarriko ditu praktikan. Iruñeko manifestazioa. Argazkia: Iñigo Uriz / Argazki Press.
news
argia-a76bee784dc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/botila-batean-gordetako-mezurik-zaharrena.html
Botila batean gordetako mezurik zaharrena
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-03-18 00:00:00
Botila batean gordetako mezurik zaharrena Australiako hego mendebaldeko kostaldean barruan mezu bat zeukan botila aurkitu zuen Tonya Illmanek joan den urtarrilaren 21ean, hondartzan paseatzen ari zela. Ontzia ginebra botila holandarra da eta barruko mezuak 1886ko ekainaren 12ko data du idatzita. Horrenbestez, orain arte aurkitutako mezudun botilarik zaharrena da.    Botiletan gordetako mezuoi erromantizismo kutsua eman ohi diegu, baina aurkitutako paperak, dataz gain, koordenatu batzuk ditu eta Paula ontzi alemaniarretik bota zutela dio. Alemaniako Itsas Behatokiak milaka botila bota zituen itsasora 1864tik 1933ra, korronte ozeanikoak ulertu nahian. Aurkitutako botila horietako bat da.
news
argia-fb7018dfacfd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/maider-oleaga-zine-zuzendaria.html
"Muga asko gainditu zituen Elbira Zipitriak, eta nik ere bai, haren historia kontatzeko"
Lander Arretxea
2018-03-18 00:00:00
"Muga asko gainditu zituen Elbira Zipitriak, eta nik ere bai, haren historia kontatzeko" Ideia batzuen atzetik bide luzea egin behar izaten da maiz; eta beste batzuetan, ideiak berak dira zu aurkitzen zaituztenak. Halako zerbait gertatu zitzaion Maider Oleaga zinegileari (1976, Bilbo). Geroztik, sei urte eta zientoka lan-ordu joan dira, baina azkenean amaitu du Muga deitzen da Pausoa filma. Hezkuntzan zein politikan aitzindari izan zen Elbira Zipitria ezagutzeko egin duen bidea kontatu du lan horretan. Zazpi urteren ondoren Mexikotik itzuli zenean, lagun batek bota zion galdera: ba omen zuen etxe bat Donostiako Parte Zaharrean, konfiantzazko norbaiti alokatu nahi ziona, eta ea hartuko zuen berak. Etxea ikusi eta berehala eman zion baiezkoa. Bazekien aurrez Elbira Zipitria delako batena izan zela, baina ez zion garrantzirik eman. Zipitria nor izan zen jakin zuen gero, baita etxe hori bera eskola klandestino gisa erabili zutela ere. Ezin izan zion tentazioari eutsi: berak kontatu beharreko historia zuen hor, parez pare. Sei urte eman ditu lan horretan. Bitartean, beste bi proiektutan ere murgildu da: ETBk eskatutako Iragan gunea Berlin zuzendu zuen, eta dena du prest Kuartango herrian egindako western bat ardatz izango duen Kuart Valley filmari ekiteko. Zerk ekarri zintuen dokumentalgintzara? Ni fikzioan hasi nintzen. Ikus-entzunezkoak ikasi nituen Iruñean eta zine zuzendaritza Madrilen. Fikziozko zuzendari gisa izan nintzen hezia, eta gero, Mexikon, egin nituen lan batzuk zuzendari gisa ere. Baina ez nituen lan-tresnak menperatzen: kamerak, post-produkzioa… Zinemara modu artisauago batean hurbiltzeko beharra sentitu nuen. Film labur bat egin nuen Bolivian lan horiek guztiak nire gain hartuta, eta horrek zerbait aldatu zuen nigan. Oraindik badut fikziora itzultzeko gogoa, baina aurrez dokumentalarekin eta errealitatearekin harreman handiagoa nahi nuen izan. Zinemarekin dudan erlazioan sakontzeko bidea izan dira dokumental hauek. "Iragana orainera ekartzeak laguntzen digu gaur egungo gauza asko ulertzen" Nire irakasle izan zirenek Elbira Ziptriarekin ikasi zuten, eta gehiago edo gutxiago, eman ziguten haren berri. Baina han edo hemen galdetuz gero, inor gutxik daki nor izan zen. Egin zuen lan guztia kontuan hartuta, ez da batere ezaguna. Ia zazpi urte dira ikertzen hasi nintzela, eta interneten ez zegoen ia ezer. Liburu bakanen bat dago, bat hil zenean egin ziotena, eta pedagogiaz ari diren beste batzuk. Baina haren bizitzaz, ez dago ia ezer. Lehenengo bi edo hiru urteetan ikertzen aritu nintzen, eta oso saturatuta bukatu nuen prozesu hori. Bera bizi izan zen garaia eta egin zituen gauza guztiak ulertzeko, asko arakatu behar nuen. Hizkuntza, politika, hezkuntza… Mila alor landu zituen. Horrek eraman nau jende asko ezagutzera: haren lagunak, ikasleak… Neurri handi batean, Elbiraren munduan sentitu naiz. Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga fina dela azpimarratu izan duzu. Oso gai zabala da. Niretzat beti dago fikzioa, baita dokumental batean ere. Nire pertsonaia dokumentalean sartzearekin batera, fikzio bat eraiki dut hor. Kasu honetan, Elbira Zipitria pertsonaia historikoa da. Hala ere, nik pertsonarengana hurbiltzeko izan ditudan errekurtsoak irudimenezkoak dira: besteen oroitzapenak eta nire harremana jada hilda dagoen pertsona batekin. Hori forman ere nabaritzen da. Ez nuen biografia bat egin nahi: hasieran ikerketa sakona egin arren, gero liberatu egin nintzen horretaz. Bilaketa ez da izan hainbeste historikoa, pertsonala baizik. Nahi nuen jakin nolakoa zen emakume hori eta zergatik gertatu zitzaion gertatu zitzaiona. Zu zeu ere dokumentalaren parte zara. Dokumentalak egitean ohikoa da bilaketa batean murgiltzen den zinegilearen figura. Eroso sentitu zara paper horretan? Pelikula honetan nahitaezkoa zen ni agertzea. Orain urte batzuk, lotsagatik edo, zalantza egin nuen. Baina nire buruarekin zintzoa izanda: ezinbestekoa zen. Grabatzen hasi ginenean deserosotasunak ahaztu nituen. Egin behar nuen, eta kito. Hiru astez grabatu genuen nire etxean, bost laguneko taldean. Hor agertzen den Maider hori pertsonaia da. Ni naiz, baina ez naiz ni. Pertsonaia bat da, konflikto bat duena. Eta pelikularen zerbitzura jarri dut. Off-ahotsa ere nik neuk jarri dut eta hor sentitu naiz biluziago. "Zinema industrialetik kanpoko lanetan ere fokua jartzea komeniko litzateke, baina alde askotatik eragin behar da horretarako" Izenburua bera ere prozesuan aldatu diozu: Muga deitzen da Pausoa izena du orain. Proiektua hasi zenean, IRA26-2 jarri nion izena. Ira zen Elbiraren ezizena, eta 26-2 da etxearen helbidea. Niretzat etxeak pisu handia du eta horregatik jarri nion izen hori. Gainera, lehen gidoiak 26 kapitulu zituen. Bertsio berriak egin ahala, 26 kapituluenak zentzua galdu du, eta zenbaki hori ere ez da pelikulan agertzen. "Muga deitzen da pausoa" esaldia Elbira Zipitriaren lagun batek erabili zuen nirekin hitz egin zuen batean. Pedro Mari Otañoren poema batetik ateratako esaldia omen da. Apuntatu nuen asko gustatu zitzaidalako, eta gero muntatzeko garaian, zentzua zuela ikusi nuen. Uste dut Elbirak muga asko gainditu zituela bere bizitzan, eta nik ere bai filma egitean: hasteko, enkoadrea bera; filmean ni agertzea. Zipitriari buruzko dokumentalarekin ari zinen bitartean egin duzu Iragan gunea Berlin filma ere. ETBk eskatuta hurbildu zara Agirre Lehendakariak Berlinen eman zituen garaietara. Zaila izan da bi lanak uztartzea, bat enkarguzkoa, bestea oso pertsonala? Oso ondo etorri zitzaidan ETBk jarritako enkarguari heltzea. Saturatu xamar nengoen ordurako Elbirarekin. Urtebete eman nuen Iragan gunea Berlin en egiten, eta bost hilabete Berlinen bertan. Uste dut mesede egin diola Muga deitzen da Pausoa -ri ere. Pelikulari ze forma eman oso zaila izan da, eta distantzia hori hartuta, argiago ikusi dut gero. Pertsonaia historikoak ezagutzeko gaur eguneko pertsonetatik hurbiltzeko joera dago bi filmetan. Iraganarekiko nire jokabidea eta interesa zein den adierazten du horrek. Egin behar da ikerketa historiko bat ulertzeko testuinguru haiek, baina uste dut iraganera beti orainetik gerturatu behar garela. Elbiraren kasuan bereziki ikerketa izan da orainetik, hemendik. Iragana orainera ekartzeak laguntzen digu gaur egungo gauza asko ulertzen. Gizarteaz, gure identitateaz…  Aurrera egiteko ezinbestekoa da. Horregatik saiatzen naiz alde pertsonaletik hurbiltzen pertsonaia historiko horiengana. Iragan gunea Berlin en ere bazegoen ahalegin bat gaur egungo pertsonen bidez Agirre Lehendakaria nolakoa izan zitekeen irudikatzekoa. Horretan badute lotura. "Ohitzen bagara zinema soilik Hollywoodeko ereduarekin eta entretenimenduarekin lotzera, zaila da gero beste funtzio bat duen zinea ikusi eta gozatzea" Zure lanerako hizkuntza zein izan ohi da? Elbira Zipitriari dagokionean filmak berak eskatu dizu euskaraz egitea? Madrilen ikasi nuen, eta gero Mexikon eman ditut zazpi urte. Lan asko egin dut gaztelaniaz, eta Muga deitzen da Pausoa izan da euskara hutsean egin dudan lehenengoa. Niretzat, euskararekin harremana asko aldatu da Elbirarekin, asko hurbildu nau euskarara. Banekien aurrez ere, baina ez zegoen nire bizitzaren zentroan. Elbiraren munduan sartuta, ulertu nuen, baita nire gorputzak ere, hautu bat dela, eta zuk erabakitzen duzula horrela bizi ala ez.  Dokumentalak muntaian egiten direla esan ohi da. Baina hala bada ere, film batek aurrera egingo duen edo ez finantziazioa bilatzean erabakitzen da askotan, oraindik muntaia oso urrun dagoenean. Eroso zaude egiteko modu horrekin? Hala dela onartu behar da. Batzuetan sentitzen duzu gezurretan ari zarela; ideia idazten duzunean badakizulako erabaki asko daudela oraindik hartzeko. Baina dosierra irakurtzen duenak ere badaki hala dela. Ez zait erraza egiten. Hala ere, uste dut ariketa polita dela, behartzen zaituelako pelikula irudikatzera. Egia da, baita ere, ideia asko gelditu zaidala kaxoian, eta oraindik ere gertatuko zait. Baina, uste dut sakon sakonean argi izan behar duzula proiektu batean sinesten duzula eta aurrera nahi duzula egin. Konbentzituta ez bazaude, oso zaila izango da bidea egitea. Indar hori behar duzu, prozesua oso zaila eta luzea izaten delako. Muga deitzen da Pausoa -ren kasuan, nik banekien, finantziazioarekin edo ez, filma egin nahi nuela. Argazkia: Lander Arretxea. Errementari k eta bereziki Handia k arrakasta nabarmena izan dute. Mesede egiten dizue horrek oso bestelako bidea lantzen duzuen zinemagileei ere? Pozgarria da arrakasta, noski. Baina normalean film ikusgarrienak handiak dira. Zine mota asko daude, eta publikoak ez du ezagutzen lanean ari den jende asko. Gauza asko daude horren atzean. Zinema industrialetik kanpoko lanetan ere fokua jartzea komeniko litzateke, baina alde askotatik eragin behar da horretarako. Hezkuntzan, adibidez, zinemak oso toki txikia du. Ohitzen bagara zinema soilik Hollywoodeko ereduarekin eta entretenimenduarekin lotzera, zaila da gero beste funtzio bat duen zinea ikusi eta gozatzea. Film bati buruzko film bat egitea da zure hurrengo proiektua: Kuart Valley . Hori ere kasualitatea izan da. Zoriz joan nintzen Kuartango herrira, eta han jakin nuen western bat egin zutela bertan. Pentsatu nuen hor bazegoela pelikula bat. Gero, Iragan gunea Berlin eko ekoizlea den Mario Madueñok deitu zidan esanez Madrilgo ekoizle batek jakin zuela film horren berri, eta nahi zutela zerbait egin. Zuzendari bila ari ziren eta esan nien baietz. Oraindik hasierako fasean gaude, baina helburua da kontatzea nola egin zuten Algo más que morir filma zazpi urtean, modu amateurrean eta herritarren laguntzarekin, herri osoa horretarako egokituz… Murgiltze prozesua martxotik aurrera hasiko da eta orduan erabakiko dugu nola kontatu eta irudikatu. Hori izango da erronka.
news
argia-ee98d289ce4b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/zaloa-basabe-iruneko-udaleko-berdintasun-teknikaria.html
"Ez naiz deseroso sentitzen Pen�lope Cruz aktoreak feminista dela esaten duenean"
Reyes Ilintxeta
2018-03-18 00:00:00
"Ez naiz deseroso sentitzen Pen�lope Cruz aktoreak feminista dela esaten duenean" Aspalditik mugimendu feministako militante izanik, duela bi urtetik Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikaria da. Berdintasun bidean eta eraso sexisten aurkako borrokan erakunde publikoak eta herri mugimenduak eskutik lotuta joatearen onuraz eta beharraz mintzatu zaigu Udalaren bulego batean, Nafarroako presidente izandako guztien erretratuez inguraturik. Denak gizonak, bat izan ezik. Nola hartu zenuten Argia saria? Harriduraz eta pozez. Normalean Argia sariak komunikabideekin lotzen ditugu eta pozgarria izan zen ikustea nola balioan jarri duzuen egiten ari garen lan komunikatiboa. Erakunde publikoak eta mugimendu feministak eskutik lotuta hasi dira lanean azkenaldi honetan. Hori mugarri bat izan da? Mugarria ez dakit, baina ezinbestekoa bai. Egia da gaur egun ematen duela berdintasuna modan jarri dela. Batzuetan sentsazioa dut feminismoaren liluran bizi garela eta orain oso erraza dela feminismoaren alde agertzea, baina nik uste dut oso garrantzitsua dela zintzoa izatea eta gogoan izatea mugimendu feminista izan dela hamarkadatan lanean aritu izan dena eraso sexistak salatzen. Egia da, duela gutxira arte nolabaiteko apurketa egon da erakundeen eta mugimendu feministaren artean. Erakundeak tresna bat baino ez dira, baina oso tresna eraginkorra, horregatik elkarrekin aritzen bagara denontzat hobeki. Nola egituratzen da elkarlan hori? Sanferminetako erasoen prebentziorako egiten den lanari dagokionez, 'Sanferminetan berdintasunean' izeneko taldea eratu genuen Udalak eta mugimenduetako ordezkariek, eta hor diseinatzen da kanpaina. Bai erakundeok bai mugimendu feministek dituzten mugak eta aukerak ezagutu eta errespetatu behar dira. Hori da abiapuntua. Oro har, zein da Berdintasun eta LGTBI Alorraren eginkizuna? Iruñeko Berdintasunerako Plana 2016-2022 da gure bide orria. Lau alorretan dago egituratuta. Lehena gobernantza eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoa da, Udalaren barne funtzionamenduari begira; bigarrena, emakumeak ahalduntzea eta balio-aldaketa sustatzea da; hirugarrena zaintza lanak, erantzukidetza eta bizitzaren zentralitatearekin lotua dago eta laugarrena indarkeriarekin. Urtero plan operatibo bat egiten dugu hori aurrera eramateko. Horretarako lantaldea handitu zen duela bi urte eta teknikari bakarra izatetik hiru izatera pasa ginen. Eta aurten, zehazki zer duzue esku artean? Lau alorretan ditugu lanak. Denak ezin kontatu, baina, esate baterako, LGTBI lerro bat dugu eta Iruñeko lehen diagnostikoa egiten ari gara orain. Gure helburua ez da soilik gizon-emakumeen arteko berdintasuna lortzea, baizik eta dauden desberdintasun guztiak ikusaraztea eta horretarako ikerketak ditugu bidean. Memoria historikoarekin jarraituko dugu lanean, Iruñean izan diren emakumeak eta erreferenteak izan daitezkeenak ezagutarazteko. Emakumeen oroimen historikoak berreskuratzeko lantalde bat dugu "Iruñean emakumeak izendatu" izenekoa, eta hor parte hartzen dute Udaleko hainbat alorretako langileek, baita historialariek eta emakume taldeetako ordezkariek ere. Duela gutxi bideo batzuk egin ditugu, haien artean Remigia Etxarren Aranguren, funanbulista iruindarra eta Rita Aguinaga Viliato Iruñeko Orfeoiko lehen emakume abeslariaren bizitzen berri ematen dutenak. Zer da berdintasuna? Berdintasuna ez da uniformizazioa. Norberaren ezberdintasunetik abiatuta, eskubide, tratu eta aukera berdinak ziurtatzea pertsona guztientzat da berdintasuna. Eremu guztietan ematen diren botere harreman asimetrikoekin bukatzea izango litzateke. Batzuen pribilegioak desagerraraztea, guztientzako eskubideak bermatu ahal izateko. Nik uste dut berdintasun hitzaren esanahi hori zabaltzea lortu dugula eta orain marko kontzeptualean daukagun beste erronka bat dela feminismoarena. Oraindik batzuentzat badu estigma hitz horrek. Argazkia: Dani Blanco. Asaldagarria oraindik? Bai. Gustatuko litzaidake sinestea ezjakintasunagatik dela, baina ez da horrela. Izan ere, askotan esaten digute pedagogia egin behar dugula, baina feministok badaramatzagu 200 urte pedagogia egiten eta erresistentziak hor jarraitzen du. Guk onartu ditugu gure diskurtsotara kontzeptu pila bat, lehen ezagutzen ez genituenak. Ez da jakinduria eza, erresistentzia baizik. Eremu pribatua auzitan jartzeari erresistentzia, eta eremu publikoan benetako eraldaketaren aldeko apustua egitearen beldurra. Pedagogia egin behar izatea, orain toki guztietan erabiltzen den publikoaren komodina da? Bai, eta horrekin batera paternalismoa. Askotan esaten digute moduak ere aldatu behar ditugula, haserre gaudela dirudielako. Bada bai, egia da, haserre gaude. Populazioaren erdia gara eta oraindik esaten dute 'emakumeen kolektiboa', talde bat bagina bezala. Zintzotasunez jokatu behar dugu kontzeptuekin. Adibidez patriarkatua hitza. Duela gutxira arte oso arraroa zen diskurtso politikoan aditzea. Bietako bat: edo agintari publiko hori oso feminista zen edo oso despistatuta zebilen. Orain pixkanaka zenbait kontzeptu ari dira sartzen halako diskurtsoetan eta horrek badu bere garrantzi sinbolikoa. Orain feminista agertzea modan egotea ona ala txarra da? Batzuek uste dute feminismoak eduki dezakeen karga subertsiboa galtzen duela Penélope Cruz bezalako pertsona batek bere diskurtsoan erabiltzen badu, baina bestalde beti esaten dugu berdintasuna agenda politikoan sartu behar dela. Feminismoak egon behar du toki guztietan, horregatik ni ez naiz deseroso sentitzen Penélope Cruz feminista dela esaten entzundakoan. Baina jendartean, gazteen artean bereziki, atzerapauso galantak ikusten dira maiz. Hori gertatzen da hainbat lorpen sozialekin. Lorpenak erabat linealak direla eta aurrera goazela sinesteko joera dugu, baina hori ez da egia. Lan eremuan, esate baterako, begira zer nolako atzerapausoak eman diren. Gaur egun gazteekin badugu kezka. Gaurko gazteak hazi dira feminismo formal batean, berdintasunaren liluran. Guk, aldiz, alarma batzuk piztuta bagenituen eta identifikatzen genituen ezberdintasunarekin lotuta egon zitezkeen jokabideak; alabaina gure alarmek jada ez dute balio. Egokitu behar dira garaietara. Egungo gazteek jokamolde horien identifikazio arazo larria dute. Uste dugu aski dela hainbat eremutan neskak eta mutilak elkarrekin egotea, baina ez da horrela. Harreman afektiboez hitz egiten dugunean, adibidez, argi dugu maitasun erromantikoak zer nolako kalteak ekartzen dituen, baina uste dut ez garela gai izan beste erreferente batzuk, beste aukera batzuk, eraikitzeko. Gazte bati esaten badiozu egiten ari dena gaizki dagoela, baina alternatibarik ez badiozu ematen, edo beraiek eraikitzen dituzten alternatibei ez badiezu balorea ematen, zerbaitek huts egiten du. Argazkia: Dani Blanco. Zerk ematen dizu tripako mina? Amorru handia ematen dit ikusteak zein erraz deslegitimatzen diren lan handia eginez eraiki diren diskurtso eta ideiak. Emakumeak beti epaitzeko dagoen joera ere izugarria da edo amatasunaren inguruan dauden diskurtsoak. Gaur egun, esate baterako, diskurtso esentzialistek zabalkunde handia dute, eko-ama onaren kontzepzio berria esate baterako (bularra ematea adin mugarik gabe, hazkuntza naturala…). Nik uste dut horiek ez dituztela kontuan hartzen gure baldintza material eta ekonomikoak. Zu feminista eta hiru umeren ama zara. Zer esan nahi duzu amatasuna politizatu behar dela esaten duzunean? Askoz kontzienteago izan behar dugula zer nolako inpaktua duen gure bizitzan ama izateak. Ikusi behar dugu zer egin behar den zaintzarekin. Erdigunean dagoena oso kontzeptu zaharra da, baina gaurkotasun handikoa: sexuaren araberako lan banaketa. Hori mantentzen den bitartean, beste guztia bost axola. Bizitza pribatuaz eta bizitza publikoaz ez ezik bizitza intimoaz ere hitz egin behar dugu. Emakumeok intimitatea eta pribatutasuna nahasten ditugu dena etxeko eremutzat hartuz, eta eremu horretako denbora erabiltzen dugu etxeko eta zaintza lanak egiteko, kirola egiteko, gure formakuntza garatzeko, gure zaletasunak eta militantzia ekintzak gauzatzeko, eta abar. Arazoa da askotan etxeko lanei, zaintza lanei, lehentasuna ematen diegunez, denbora gehiena jaten dutela eta hortik datoz bestelako ondorioak: nekea, osasun arazoak, frustrazioak… Ona litzateke gure eremu propioa indartzea eta aintzat hartzea horrek gure eremu publikoan duen eragin handia. Zer da komunikabideentzat prestatu duzuen dekalogoa? 2016ko sanferminetako bortxaketa inflexio puntua izan zen, jendarteak emandako erantzunagatik. Une horretan ikusi genuen beharrezkoa zela komunikabideei ere orientazio-bide batzuk ematea eraso sexisten gaineko albisteetan kontu har dezaten. Haiekin hausnarketa prozesua egin ondoren, dekalogo bat egin eta zabaldu genuen. Hor esaten da, adibidez, eraso sexistak ez direla gertaera isolatuak, biktimen identitatea babestu behar dela kazetaritza edo informazio interesen gainetik, berbiktimizazio prozesuak ekidin behar direla, adituen iritziak bilatu behar direla informazio osagarri gisa eta ez kaleko edonorena, eta abar. Ulertzen dugu komunikabideek gure aliatuak izan behar dutela, baina ikusten dugu kontraesanezko jarrera dutela berdin ezker, eskuin edo zer pentsamoldekoak izanda ere.  Harrigarria da komunikabide batzuek, adibidez, nola jarraitzen duten 2014ko txupinazoko irudiak ematen non neskak erdi biluzik ageri diren. Irudi horiek zaharrak dira, baina haiei bost. Badirudi errelatoa aurrez egina dutela eta ez dutela utziko errealitate berri batek hori aldatzen. Programazioan ere aurrerapausoak eman dira eta parte-hartzea sustatu da emakumeak gero eta gehiago izan daitezen festaren protagonista, baina komunikabideetan zabaltzen diren irudiek segitzen dute erakusten mutila protagonista bezala, entzierroetan, mozkortzen… eta emakumea, aldiz, edo ez da agertzen edo objektu gisa aurkezten da. Askotan saiatu gara honetaz hitz egiten haiekin, baina ez dago modurik. Nik uste dut ez dugula asmatzen. Amarillismoak asko saltzen du, patriarkatuak denean eragiten du eta aldaketa sakon eta egiturazkoak egin behar dira. Kritika gutxien jasotzen ari den udal alorra da zuena? Agian, baina nik uste dut dela gaizki ikusia dagoelako berdintasunaren aurka hitz egitea. Sinetsita nago askok ez dakitela ezta zer egiten dugun ere. Dena den, kritikak izan baditugu. Sanferminen ondoren, esate baterako, ia-ia egunero agertzen ziren iritzi artikuluak esanez beldurra zabaltzen ari ginela hiritarren artean. Zertan gustatuko litzaizuke sakontzea, aldaketaren legealdiak jarraipenik balu? Udalaren barneko gobernantza kontuetan, barne prozedurak eta kontratazio klausulak aldatu beharko lirateke, nire ustez. Horrek izugarrizko ondorioak izan ditzake etorkizunari begira. Horrekin batera, daukagun norabidean sakontzen jarraitu eta ematen diren urratsak atzeraezinak izan daitezela saiatu behar dugu. Beste erronka bat da festaren irudia bera aldatzea. Aisialdiari beste balore batzuk eman behar zaizkio eta asko pentsatu masifikazioaz, hirian daukan inpaktuaz, haur, adineko eta oro har bazterrean gelditzen diren pertsonen parte hartzeaz, emakumeen irudiaz… Gauza asko.
news
argia-1bc686438215
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/ingurumen-boluntarioek-baso-jangarria-jarri-dute-sarrigurenen.html
Ingurumen boluntarioek baso jangarria jarri dute Sarrigurenen
Garazi Zabaleta
2018-03-18 00:00:00
Ingurumen boluntarioek baso jangarria jarri dute Sarrigurenen 2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritar batek Sarrigurengo (Nafarroa) ubidearen alboko gune naturalean baso jangarria sortzea proposatu zuen. Momentu hartan proiektuen artean bozkatuena izan ez zenez, atzera bota zen proposamena. Baso jangarria sortzearen ideia hor geratu zen, ordea, eta herriko lorezaintza taldeak erabaki du orain proiektua berrartu eta beste modu batean aurrera ateratzea. Martxoaren 10ean ekin diote basoa sortzeari ingurumen boluntariotzako kideek eta hainbat herritarrek. Inguruko animalientzat ere onuragarri "Aurrekontua lortu ez eta ideia atzera bota zenean guk pentsatu genuen: zergatik ez dugu ba egingo? Beste modu batean egiterik egonen da", azaldu digu Mikel Etxarte Azkarate Eguesibarko ingurumen zinegotziak eta proiektuaren bultzatzaileak. Herriko lorezaintza taldea hasi zen orduan basoa sortzeko proiektua martxan jartzen, beraiek erosi dituzte beharrezko landare, zuhaixka eta materialak. Urtez urte, basoa sortzen pixkanaka joango direla dio Etxartek, eta oraingoa proiektuaren lehen urratsa dela. "Zuhaixkak non joanen diren lorezaintza taldeak definitu du: masustak, masusta gorriak, basaranak, eta zuhaitzen gunea egonen dira, besteak beste intxaurrondo, gereziondo aranondoekin". Baso jangarriaren inguruan ibilbide moduko bat egitea dute asmo, eta ingurumen boluntariotza taldea eta herritarrak aritu dira hura sortzeko lanean. "Garrantzitsua da horrelako guneak egotea hiri inguruetan, jendearentzat ez ezik, fruta horiek hegazti eta ugaztun askoren elikagaiak baitira negua pasatzeko", dio zinegotziak. Ingurumen boluntarioen balioa 20 pertsona inguruk osatzen dute boluntario lantaldea, gehienak bailarako herritarrak dira, baina Iruñeko eskualdeko jendea ere badago. Orain arte, baso jangarriarenaz gain beste bi ekimen egin dituzte boluntarioek: iaz urmaelak naturalizatzen aritu ziren anfibioentzako mikro-hezeguneak eginez, eta Aterpeak proiektuaren baitan, berriz, hegazti harraparientzako habia-kaxak egiten aritu dira.
news
argia-d90350457cf0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/pozoiaren-aho-sabaia.html
Pozoiaren aho sabaia
Jakoba Errekondo
2018-03-18 00:00:00
Pozoiaren aho sabaia Ardo eta sagardo ekologiko eta biodinamikoen beste muturrean daude ardo industrialak edo kimikoak. Azken hauek produktu kimiko sintetikoak erabiltzen dituzte; mahasti eta sagastietan hormonak, ongarriak, pestizidak, herbizidak eta abar, eta upategietan, antzera. Produktu kimiko gehienak sintetikoak dira, hau da, industrietan sortutakoak. Gutxi batzuk besterik ez dira naturalak. Produktu kimiko horiek arrastoa uzten dute bai lurrean, bai ingurumenean, bai landareetan, bai fruituetan, bai ardoetan, bai sagardoetan. Beraz, argi izan behar dugu: produktu horietako asko guregana iristen dira. Honezkero igarri diozu, gure aho sabaiaren eta berarekin hertsiki uztartua dagoen garunaren gozamenerako hartzen dugun mama gozoak zure gorputzean ere arrasto ederra utziko du. Sagardoak eta ardoak edaten ditugunean, edariaren kalitateari buruzko iritzia ematean, gero eta ohikoagoa da azalpen zabal, zehatz eta zorrotzagoak entzutea. Ikasten ari gara. Edariaren ezaugarrietatik abiatuta, bere bizitzari buruzko datu harrigarrienetara irits gaitezke: zein lur eta lurpe motatan bizi den fruitu arbola, zein aldaerako fruitua den, zein eguraldi segidak baldintzatu duen uzta hori, nola landu den upategian... Horretarako hizkuntza osatzen ari gara. Sagardo-ardoa edan duen aho berak esango ditu aho sabaian eta garunean sortu dizkion irudipenak, zirrarak, usteak eta iritziak. Edaria hizkuntza bilakatzeko itzultzaile egokia izateari aho sabaia izatea deitzen zaio gure etxean. Aho sabaia edo jakintza hori dastamen papiletan eta sudur mintzean edo pituitarioan datza. Eta, jakintza guztia bezala, landu eta hezi egin behar da. Eta jantzia izatea jan hitzetik baletor, edarietan jantzia izateari edantzia edo nola arraio esan behar diogu? Edantzi edo jantzi izateko asmo horretan, bi lagun frantsesek urrats izugarria egin dute. Jérôme Douzelet sukaldariak eta Gilles-Eric Séralini biologoak pestiziden dastaketak antolatu dituzte. Ardoetan topatutako pestiziden dosiak uretan dastatzera ematen dituzte. Ardogintza kimikoa edo ez ekologikoa, munduko pestizida erabiltzaile handiena dela diote. Kasu euskal ardogileak eta sagardogileak! Jantzi eta edantzi ekologikoan.
news
argia-cd2b95cffb9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/sahatsa-jauregi.html
Garai baten ikurrak
Xabier Gantzarain
2018-03-18 00:00:00
Garai baten ikurrak 2007an Arte Ederretan lizentziatu zenetik arte esparruan dihardu lanean gelditu gabe. Okela Sormen Lantegiko kide da gaur egun Sahatsa Jauregi Azkarate (Itaparica, Brasil, 1984ko irailaren 25a). Sari berezia lortu zuen 2013an Gipuzkoako Artista Berrien programan, Goods. Ondasuna proiektuagatik. "Lan metodologia zehatz batetik abiatzen naiz arte jardunean: bildumagilearena. Argazkiz eta objektuz osatzen den amaiera gabeko atlas batean biltzen ditut, erakargarriak egiten zaizkidan ikur eta elementuak". Gerora azaldu izan du zein den arrazoia: "Bilduma hori fijatzen da pertsonak, inguratzen gaituen horrekin, deskuidoz edo borondate artistikorik gabe behintzat, eratzen dituen ariketa sentsibleetan". Alegia: zer dio gutaz gure gelak, gordetzen dugun objektu sortak, inongo borondate artistikorik gabe baina logika baten arabera ordenatzen ditugun moduak, zer dio gutaz gure gustu onaren zentzuak, zer dio gutaz guretzako ona den gustua barneratzeko jaso dugun heziketaz, zer dio gutaz gure gelak. 2016aren bukaeran jarri zuen erakusketa Carreras Mugica galerian, Bere zure zulo , eta hangoa da hemen ikusten duzun lan hau. Urtebete lehenago oso ezaugarri diferentetako bi ekitalditatik jaso zuen enkargua: garaikurrak egitea. "Ni ordurako hasia nintzen erositako objektuekin lanean, kolekzionatzen nituen objektu-fetitxeekin, eta garaikurren proposamen hau jaso nuenean erabaki nuen logika bera aplikatuko niela enkargu hauei, hau da, estudioan eskulturak egiten nituen modu berean landuko nituela". Antolatzaileei ez zitzaizkien gustatu, antza, garaikurrak, baina artistak garaikurrekin lanean jarraitzea erabaki zuen. Gustu oneko jotzen ez diren objektu hauekin artelanak egitean, Nicolas Bourriaudek exforma deitu duen hori agertzen da hemen, garai baten ikur.
news
argia-9237d6b408b1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/ez-jo-berriro-sam.html
Ez jo berriro, Sam
Amaia Alvarez Uria
2018-03-18 00:00:00
Ez jo berriro, Sam Berriki Nafarroako liburu dendek 2017ko euskarazko liburu onenaren saria eman dioten liburuarekin nator: Caliban eta sorgina. 2004an ingelesez, 2010ean gaztelaniaz eta iaz heldu zen euskaraz gure artera Edurne Lazkano eta Aitor Arrutiren lanari esker.   Liburukote sexya da (ia 500 orrialde ditu), neuronentzako kitzikagarri, pentsatzeko eta begirada kritikoa garatzeko aukera ematen digulako Silvia Federicik lan mardul honetan. Gaia sorgin-ehiza da, nagusiki Europan gertatu zena, baina Amerikan eta Afrikan ere aurkitu daitekeena. Erdi Aroaren amaieran hasi zena, baina egun, oraindik, munduko zenbait lekutan arrastoak utzi dituena. Gainera, Europako sorgin, Amerikako kolonizatu eta Afrikako esklaboen arteko konexioak egiten ditu begirada zabalduz. Egileak dokumentazio lan izugarria egin du eta balio handiko ekarpen teorikoa: sorgin-ehiza sozialki, ekonomikoki eta politikoki kokatu du eta historia berrirakurri digu ikuspegi feminista batetik, generoa, klasea eta arraza kontuan izanik.    Lehen kapituluak aurrekariak emango dizkigu Erdi Aroko matxinada giroaren berri emanez. Bigarren kapituluan kapitalismoaren sorrerari buruz hitz egingo digu, eta erakutsiko zein mekanismo jarri ziren martxan sistema feudaletik sistema kapitalistara pasatzeko eta sorgin-ehizaren funtzioa zein izan zen argitzeko. Hirugarren kapituluan gorputzaren desjabetzeari buruz arituko zaigu, eta sexu politiken sorreraz. Laugarren kapituluan sorgin-ehiza Europan nola gertatu zen aletuko du hitz, grafiko eta irudien laguntzaz. Bosgarren kapituluan, amaitzeko, "Mundu berri"-ko kolonizazio eta kristautzea izango ditu hizpide, eta metropoli eta kolonien arteko urre, zilar, diskurtso eta irudikapen joan-etorriak agertuko dira. Lurra, gorputza, harreman sareak eta gizatasuna erauziz eta zigorrak, propaganda eta beldurra hedatuz ordena berria nola ezarri zen kontatuko digu. Botere harremanak onartzen ez zituzten erresistentzia taldeak birrindu zituztela postulatuz, bereziki emakume pobre zaharrak: "Emakumea zapalduz, klase agintariek proletariotza osoa azpiratu zuten". Liburu batzuek, pelikulek bezala, soinu banda dute, eta honek, niretzat, Reincidentesen La historia se repite du. Liburu aproposa orain irakurtzeko. Martxoaren 8ko greba mundialaren inguruan.
news
argia-41f20adf2cb1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/tamimitarrak.html
Abizenak dakarren ardura
Igone Mariezkurrena
2018-03-18 00:00:00
Abizenak dakarren ardura Nabi Saleh herriko sarreran bada iragarki-taula handi bat. 'There is a real Wonder Woman' dioen pankarta paratu dute bertan alderik alde. Jim Fitzpatrick artista irlandarrak, Che Guevararen grabatu ezagunena marraztu zuen berberak, Ahed Tamimi 17 urteko neska palestinarraren omenez egindako irudia erabili dute. Zisjordania erdiguneko Ramallah hiritik 30 minutu eskasera dagoen herrixka nazioarteko hedabideentzat interesgune bilakatu da hilabeteotan. 2009az geroztik "erresistentzia ez biolentoa" darabilte inguruan ugaritzen ari diren kolono auzoen hedapena geldiarazteko, polizien eta militarren jazarpena salatzeko eta, finean, okupazio israeldarraren errepresio forma guztien aurrean –"ikusgarriak eta ez ikusgarriak"– palestinarren oinarrizko giza eskubideak defendatzeko. Mugikorrak eta sare sozialak dituzte borroka-lagun eta, hain justu, urte hauetan guztietan iruditan dokumentatu dituzten eraso gehienei tinko erantzunez Tamimi familiako kideak ageri dira, bereziki emakumeak, tartean Ahed bera. Manal Tamimi (Nabi Saleh, 1973). Argazkia: Irantzu Pastor Iragan abenduaren 15ean grabatutako bideoa, ordea, inoizko biralena izan zen. Goitik behera babestutako eta armaz jositako soldadu israeldar bati bultzaka eta masailekoak nahiz ostikoak emanez ikusi genuen Ahed Tamimi gazte aktibista, armagabe. Bere etxera sar zitezen galarazi nahi zuen. Egun hartan bertan 14 urteko Mohammad lehengusuari buruan tiro egin eta larri zauritu zuten. Bost egun geroago atxilotu zuten Ahed. Orduz geroztik giltzapean dute, eta bere aurkako epaiketa militarraren bista 'itxia' igandean egin zuten. 12 delitu leporatu dizkiote. Manal Tamimik (Nabi Saleh, 1973), Ahed-en izebak, hartuko gaitu etxean. Inguru honetan, baina, ezin jakin non eta noiz topatzen ahal duzun igarobide bat itxita edota ezusteko polizia kontrol bat. Hortaz, zuhur eta kasik bi ordu lehenago heldu gara 600 biztanleko herrira, mendi-muino baten gainera. Ostirala izanik, jaieguna islamiarrentzat, kaleak hutsik ageri dira gure aurrean... harik eta harri-horma baten gainetik, ustekabean, hiru mutikok ongietorria oihuka eman diguten arte: "Hi! What's your name?", galdetu digute. Israel maite ote dugun galdegin digute segidan, neurria hartu nahian-edo. Adiskidetzat jo gaituztela dirudi eta, zerurantz begira, herri gainean hegan dabilen zepelin moduko bat seinalatu digute: "Abenduaz geroztik 24 orduz grabatzen dabilen kamera darama zintzilik, eta drone bat ere badute guri argazkiak egiteko". Erabilitako gas-granada bilduma Manal Tamimiren etxe atarian, mota askotarikoak. Argazkia: Irantzu Pastor Tokiko hiru gidariek herriko eskola, mezkita, Shrine santutegia eta hilerria erakutsi dizkigute, baita Manal Tamimiren etxaurreraino lagundu ere. Ez dira harritu elkarrizketa baterako gatozela kontatu diegunean; kazetari, argazkilari eta internazionalista taldeak eguneroko ogia dira haienean, antza. Kale nagusiko lehendabiziko eraikina da, gasolindegi parekoa, iragarki-taularen atzekoa. Ortua eta gas-granada bilduma sarreran; barruan, etxeko zorua garbitzen, Manal. "Sartu, sartu! 10 minututan bukatuko dut hau! Emakumeontzat ez dago atsedenik!", dio irribarrez. Eta, egongelan eserita, ezinbestean, emakume palestinarren aparteko indarraz solasean hasi dugu elkarrizketa. "Egoerak eta bizitzen dugunak gogortzen gaituzte. Indartsu izatea ez dugu geuk aukeratu. Gizarte palestinarraren barruan ere, emakumeok gara familien euskarri nagusia eta, horrenbestez, erresistentzia palestinarra bera sustengatzen dugu. Gure bi semeak duela hilabete eta erdi atzeman zituzten, orain dela 10 egun atera dituzte galdeketa eta isolamendu alditik, oraindik ez diete bisitarik onartu, ezta etxetik bidalitako arropa garbia entregatu ere. Ongi dakit aste hauetan zer jasan duten, nik neuk ere neure azalean bizi izan ditudalako atxiloketa unea, lekualdaketak, galdeketak, tortura psikologikoa, indarkeria fisikoa... baina eurekin telefonoz hitz egiten dudanean ezin dut ahultasunik erakutsi; erruak, beldurrak, zalantzek eta halakoek edonor akaba dezaketelako espetxe barruan. Israelen aurrean ere indartsu azaldu behar dugu, semeak begirada galduta ikusi arren. Haien bizitzak zapuztuz gu geu zigortzea bilatzen dute, semeengan kulpa-zama bikoitza ezarriz eta, beraz, ezin diegu garaipen hori oparitu. Azkenik, nazioarteko komunitateari ere irmotasuna erakutsi behar diogu, gure borrokak bizirik jarraitzen duela ulertarazteko". Itxura makurgaitz horren atzeko egiaz galdetuta, bere burua etengabe hiltzen sentitzen duela dio, bere barrena kaos hutsa dela. "Hemen ez dago ezer planifikatzerik, amestea ere ukatzen digute, ziurgabetasuna erabatekoa da, justizia ez da existitzen atxilo hartzen gaituzten berberek epaitzen gaituztelako, egoera zuritik beltzera alda daiteke segundu bakar batean, burua altxatzea lortu bezain pronto iristen da hurrengo kolpea, eta estutasun horrek kutsatzen du guztia, beldur giroan itota bizitzera kondenatu nahi gaituzte, herri honetan bizitzea gorrotatzera iris gaitezen bilatzen dute. Okupazio estrategia ankerraren parte da". Konferentzien aitzakiapean bidaiatu ahal izatea eta sufrimenduzko gurpil zoro honetatik tarte batez atera ahal izatea benetako oxigeno-bonbona omen da beretzat: "Batez ere lehenengo egunetan, izugarri gozatzen dut mugimendu askatasunaz. Baina, badakizu zer? Berehala sekulako zuloa somatzen hasten naiz. Mendebaldeko bizimodua hutsala iruditzen zait. Gehiengoaren helburu nagusia soldata hobea eta bizimodu erosoagoa dira. Guk, ordea, gure bizia arriskuan sentitzen dugu egunero. Beharbada horregatik, batzuetan, atzerrian gure ahalegina eta gu geu ere erromantizismoz koipeztatzeko joera antzematen dut, eta hori ertz oso labainkorra da. Neke emozionalari aurre egin beharra ez luke inork goraipatu beharko; beldurra, oinazea eta atsekabea sufritu beharra ez baita gauza ona, eta nik behintzat ez dut naturalizatu nahi. Gure seme txikiak jeansak jantzita hartzen du lo gauero, esaten du soldaduak bere bila etorriz gero ez duela astirik izango aldatzeko eta ez duela nahi pijama soinean duela atxilotzerik. Haur batek horrelako arrazoiketak egiteak ez du ezer heroikotik, beldurgarria da". Soldadu israeldarrak Nabi Saleh herriko kaleak gaseztatzen. Argazkia: Irantzu Pastor Kalean, jolasean, gure herrietako edozein ume inuzente dirudite. "Baina ikara gorputzean sartuta daramate. Israelek palestinar belaunaldi galdua nahi du; determinaziorik, autoestimurik eta espektatibarik gabekoa. Nerabeak unibertsitatera sartzekotan direnean atxilotzen dituzte maiz, eta ez da kasualitatea. 2015az geroztik, harriak jaurtitzea 20 urtetik gorako kartzela-zigorrarekin ordaintzen ari dira asko. Frustrazioak indarkeriaren muturrera eraman ditzan bilatzen dute, horrek errazago justifika ditzakeelako sionismoaren gehiegikeriak. Zorionez, gure herrian behintzat, errepresioari aurrea hartzen jakin dugu eta urteak daramatzagu gure seme-alabak prestatzen; psikologia saioak, mintegiak, hitzaldiak eta kanpaldiak antolatzen, etor dakiekeena kudeatzeko tresnak eman nahi dizkiegu. Kamerak erabiltzen ikasteko tailerrak eta komunikazio ikastaroak ere egiten ditugu. Borrokari eutsi diezaioten hezi ditugu, baina beti ere bizitzaren alde. Izan ere, Palestina askea ezagutuko duen palestinarrik geratuko ez bada, zer zentzu du erresistentziak?" Gaur gu hartu gaituen egongela berberak mundu osoko parlamentariak, ministroak eta diplomatikoak jaso ditu urtetan. "Horrek izugarri urduritzen ditu israeldar agintariak; txio, post, prentsa ohar eta YouTube kolpez lortu dugulako geurea bezalako herri txiki bat nazioarteko mandatari garrantzitsu zenbaiten agendetan sartzea. Okupazio sistemari berari sartu diogu gola, hau ez da soldadu edo kolono jakin baten aurkako garaipen solte sorta". Fadwah Tamimi (Nabi Saleh, 1943). Gas negar-eragilearen ondorioz, arnasteko zailtasunak ditu eta giltzurrunetako gaitza garatu du. Dialisia behar du astean hiru bider. Argazkia: Irantzu Pastor Hemen egoera segundu batetik bestera aldatzen ahal dela esana zigun, lasai zegoena bat-batean aldrebestu daitekeela; eta gertatu da. Arratsaldeko hirurak dira, tiro-hotsak entzuten dira kanpoan, eta sekulako kiratsa sartu da etxeko leihoetatik. "Etorri dira, herria gaseztatzen ari dira berriz", dio Fadwah Tamimik (Nabi Saleh, 1943), Manalen amaginarrebak. Dirudienez, dronea erori da, eta bila dabiltza. "Ia egunero egiten dute –jarraitu du amonak–, eta gauez ere bai. Ordu txikitan sartzen dira herrira, arrazoirik gabe, zaratarekin denok beldurrez iratzartzen gaituzte eta bidean ehunka gas-ontzi jaurtitzen dituzte ibilgailu gainetik. Askotan kristalak hautsi eta etxe barruan lehertzen dira". Fadwahk berak ongi aski daki zein diren gas negar-eragilearen ondorio lazgarriak: "Arnasketa zailtasunekin hasi nintzen, baina nire osasunak okerrera egin du eta giltzurrunek ez dute behar bezala lan egiten. Nirea bezalako kasu gehiago daude herrian, eta ume asko jaiotzen ari dira asma arazoekin, haurdunaldian amek gasa arnastu dutelako". Fadwahk dialisia behar du astean hiru bider, odola fintzeko injekzioak, eta makina bat pilula ere bai. "Hala ere zorionekoa naiz beste batzuekin alderatuta", dio. "Palestinako Aginte Nazionalerako lan egiten dugunok osasun aseguru ona dugu –argitu digu Manalek–, Fadwahk bere senarrarengandik heredatu zuen. Baina familia askok oso bestelako errealitateak bizi dituzte, eta jende pila bat hiltzen ari da etengabeko gaseztatzeen ondorioz. Inork ez daki zein osagai toxiko erabiltzen dituzten, baina barrutik kiskaltzen gaituzte eta ikerketa batek baino gehiagok frogatu du honek minbizi kasuen gorakadarekin duen lotura". Soldaduek pare bat orduz jarraitu dute gora eta behera bueltaka. Oinez doazenak Ahed Tamimiren etxe inguruan pilatu dira. Bassem al Tamimi (Nabi Saleh, 1967), neskatoaren aita, dago barruan. "Emaztea eta alaba eraman zituztenetik oso hutsik sentitzen dut hau dena. Semeak nahiago du izebarenean lo egin, eta ni, batzuetan, Aheden ohe gainean etzan egiten naiz. Hainbeste probokazioren aurrean, batzuetan besarkada bat behar izaten dut". Alabari energia dariola dio harrotasunez, espazioa betetzen duela doan lekutik doala, eta barren-barreneko konbentzimenduek ematen diotela halako indarra. "Galdeketa ordu eta egun luzeak pasatu zituen, abokatuari minutu bakar batzutako grabaketa besterik ez diote eman, baina guztiok harrituta utzi gaitu irudi horietan Ahed hain lasai eta oso ikusteak, isilik mantentzeko eskubidea behin eta berriz aldarrikatuz". Bassem al Tamimi (Nabi Saleh, 1967), Ahed Tamimi 17 urteko neska aktibista palestinarraren aita. Argazkia: Irantzu Pastor Preso politiko palestinarren babeserako eta giza eskubideen defentsarako Addameer gobernuz kanpoko erakundearen arabera, une honetan 330 adingabe daude espetxe palestinar nahiz israeldarretan barrena barreiatuta. Nabi Salehn bakarrik, 2009az geroztik, 215 lagun (adin txikiko nahiz heldu) atxilotu dituzte. Ahed Tamimiren antzeko kasuak eta larriagoak ere ehunka dira Palestina osoan, baina bakar batek ere ez du lortu honenbesteko oihartzun mediatikorik. Aitaren hitzetan, hainbat faktoreri zor zaio fenomeno hau. "Hasteko, bere pertseberantziak eta ausardiak ez dute parekorik. Ume bat besterik ez zenetik, beti altxatu izan du burua soldaduen aurrean. Bigarrenik, hiru borroka batean gorpuzten ditu: palestinar guztiona, umeena eta emakumeena; hortaz, Ahed ideia bilakatu da askoren begietan, norbanako izateari utzi eta balore multzo bat ordezkatzera pasatu da. Ilea estali ez arren eta moda mendebaldarra jantzi arren, mundu islamiarreko izen garrantzitsu askok, tartean Ahmad al Tayeb berak –Egiptoko al-Azhar Unibertsitateko Iman Handia–, goraipatu dute Aheden figura, bere aurkako epaiketa gaitzestearekin batera. Eta nazioarteari dagokionez... tira, ilehoria da eta begi urdinak ditu. Atzeman zutenetik elkartasun mezu asko jaso ditugu Europatik eta munduko beste bazter batzuetatik. Gehienek diote Ahedengan euren seme-alabak ikusten dituztela. Hurbiltasun hori, enpatia hori, alde batetik eskertzekoa da, baina amorragarria ere bai. Giza eskubideen defentsan sinesten duenak ume palestinar guzti-guztien alde egin beharko luke aldarri berbera. Bestea arrazakeria eta islamofobia da. Hiyaba daraman neska beltzaranak merezi al du ba halakorik?" Diskriminazioan oinarritu arren Aheden kasuak atzerrian piztu duen erreakzio uholdeari etekina ateratzea zilegi ote den galdetuta, Bassem al Tamimik baiezko borobila bota du: "Espetxeratutako adingabe palestinarren auzia azaleratu du, Palestina bera hedabideetako goiburuetara eraman du berriz, Israelen zentzugabekeria utzi du agerian, epaiketa militarren aurreko babesgabetasuna, eta abarrak. Tira, aita gisa, nik ez dut Ahed telebistan, egunkarietan edo herriko sarrerako iragarki-taulan ikusi nahi; etxean nahi dut, nire alboan, emaztearekin batera. Baina ulertzen dut palestinar kausari mesede egin diezaiokeela eta aukera horri ezin diogula ihes egiten utzi. Tamimitarrok borrokalariak izan gara aspaldi-aspalditik, 1973az geroztik 22 kide galdu ditugu familian, eta Ahedek ederki ulertu du abizen hau eramateak dakarren ardura. Errelebo-lasterketa batean bezala, aurreko belaunaldiek guretzako etorkizun duinagoa bermatu nahian emandako guztiaren lekukoa hurrengoengana helaraztea dagokigu, ezin dugu ahanzturan lurperatu. Amore ematea, gure kasuan, ez da aukera bat. Eta Ahedek badaki. Bassem al Tamimi, alabaren ohea atontzen. Argazkia: Irantzu Pastor
news
argia-33bb51970d1e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/zergatik-ez-da-saihestu-reyren-heriotza.html
"Zergatik ez da saihestu Reyren heriotza?"
Xabier Letona
2018-03-12 00:00:00
"Zergatik ez da saihestu Reyren heriotza?" Euskal gizarteko jende askori ukitu dizkio barrenak 2017ko egun arrunt batean euskal preso gazte batek bere buruaz beste egitea espetxean. Horixe egin zuen Xabier Rey iruindarrak martxoaren 6an. Nekez jo daiteke heriotza normal gisa, are gehiago gertatutako dispertsio baldintzetan, eta ETAk bere jarduera utzi zuenetik ia zazpi urtera. Hori guztia islatzen zen nolabait larunbat arratsaldeko Iruñeko mobilizazioan. Galdera airean zegoen manifestazioaren ibilbide osoan: heriotza hau saihestu bazitekeen, zergatik ez da saihestu? Eta galdera horren albokoa da Iruñean bildutakoen edo euskal gizarteko gehiengoaren buruan dagoen galdera sinplea: zergatik ez da dispertsioa amaitzen? 10.000 bat pertsona izan ziren manifestazioan antolatzaileen arabera. Dolua eta amorrua agerikoak ziren aurpegi, hitzaldi eta oihuetan. Golem Zinematik hasita Donibane auzoan eman zuen itzulia manifestazioak eta Azuelo Monastegiko plazan amaitu zen. Denbora guztian Espainiako poliziaren zaintza zorrotzaren menpe, ohi baino zorrotzago, kaskoa jarrita, armak eskuetan, hildako preso baten irudiaz armatutako manifestarien aurka oldartzeko prest. Espainiako Gobernuko ordezkaritzak egina zuen oharra: "Gertutik jarraituko dugu ekitaldia, biktimen aurkako irainik egiten den ikusteko". Eta adi, inoiz ez baita ziur jarraipenaren emaitza zein izango den; esaterako, bere ongi-etorrirako "aurrera bolie" idazteagatik estraditatu baitzuten preso ohi ezagun bat Irlandatik urte batzuk geroago. Hiru oihu nagusi: "Xabi, gudari, gogoan zaitugu", "Herriak ez du barkatuko" eta "Euskal presoak etxera". Reyren argazkiak irekitzen zuen bidea, eta jarraian doluz jantzitako ikurrina, bere taldeko dantzariak, joaldun mutuak, mugimendu politikoa, familia eta jendetza eta tartean preso ohi ugari ere bai. Hego-haize zakarrak lagunduta iritsi zen manifestazio burua ekitaldi politikoa egin zen Azuelo Monastegiko plazara. Isiltasuna nagusi zen herritarren artean, Sorozabalen hileta-martxa ozen airean eta zirrara dantza erraietan. Lehenik familiari sostengua emateko baliatu zen ekitaldia. Zirrara amorru bilakatu zen: "Herriak ez du barkatuko". Oholtzara igotzean amak muxu eman zion semearen erretratoari eta anaia bikia espetxean zendu berri zen anaiari zuzendu zitzaion, unerik hunkigarrienetakoak sortuz: "Nola animatzen gintuzun bisitetan… minez baina batuta gaude familian, inoiz baino gehiago… espetxeak eraman du… eta hala ere, ez gaude amorruz, betirako maitasuna izango dugu". Dantzari bikoteak aurreskua eskaini zion familiari, eta gainerako dantzariek klabelinak, besarkadak eta muxuak. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia izan zen azken hizlaria, eta luzeen jardun zuena. Lehenik argi utzi zuen Reyren heriotza espetxe politika kriminalaren ondorio izan zela, Espainiako Estatuak hil duela. Etorkizuna begira ere jarri zen: "Min handia egin digute, baina herri honetan milaka pertsona daude askatasunaren alde eta ez dugu etsiko". Gatazkaz, finkatu nahi den kontakizun ofizial bakarra ez dutela inoiz onartuko eta badela ordua gainerako eragileek ere autokritika egin dezaten, ezker abertzaleak bezala, honek dagoeneko onartu baitu gatazkak eragindako sufrimenduan izandako erantzukizuna". Urkullu lehendakariari galdetu zion ea Reyren heriotza ez ote zen injustua eta Barkos lehendakariari ea noizko antolatuko zen ekitaldi instituzionala harentzat. Eusko Gudariak abestu zen ondoren. "Gora Euskaldi Askatuta" eta "Gora Xabier" oihuek eman zioten amaiera oroimen, elkartasun eta salaketa ekitaldiari. Hemen Ekinklik-ek egindako argazki gehiago (CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri ditugu ARGIAra): Ahotsa.info-ko bideo honetan ikus liteke hilerrian emandako azken agurra:
news
argia-2953b6504165
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2591/zaintza-emakumeon-zama.html
Zaintza, emakumeon zama
Itziar Bardaji Goikoetxea
2018-03-18 00:00:00
Zaintza, emakumeon zama Kapitalismoak geure iruditegia kolonizatzen du: aurreko mendean gizonak soldata ekartzen zuen eta andrea etxean zegoen. Gaur aldiz, emakumea lan merkatuan txertatu da eta gizonezkoek gero eta gehiago "laguntzen" dute etxean. Ipuin horri makillaje geruza leuna kenduta: lehenik eta behin, gure amonak obrero izan dira lantegietan, nekazari landetan, etxeko andre soila izatea gutxiengo baten luxu zelarik. Ados, gauza batzuk aldatu dira. Aipa ditzagun ilunenak. Gizonezkoen espazioen konkistari heldu genion, eta zaintzari uko egiteko eskubidearekin amets egin genuen. Emakume ausart asko gizonezkoen eremu arrotzean, haien moduak eta baliabideak hartuta, kapitalismo matxistaren kiratsa azalean itsaskor geratzen zaielarik, arrakaletan zehar espazio berriak irekitzen dihardute. Bitartean, emakume "arrakastatsu" horiek egiten ez dituzten zaintza lanak enplegu prekarioen bidez betetzen dira, non gizonezkoak anekdotikoak diren. Gero, agureak gurpil-aulkietan paseatzen dituzten emakume emigranteek, jasotako euro eskas preziatuez, beste emakumeen zaintzapean utzitako familiak sostengatuko dituzte. Emakumeak emakumeen zerbitzura. Biziraupenaren ardura bere baitan, gure gain. Zama ez dugu kendu.
news
argia-d8091c7106fa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/udako-gertakariak.html
Udako gertakariak
Jakoba Errekondo
2018-09-02 00:00:00
Udako gertakariak Ederki zailduentzako moduko negu eta udaberri zailen ondoren, lurrarekin lanean ari direnentzat uda gozoa eskatzea libre izango zen, ezta? Ez noa ni doakigun uda honen eguraldiaren "piura" deskribatzera, orri osoa beharko bainuke, eta subjetibotasunetan katramilatuko nintzateke, alfer-alferrik seguruenera. Nahiago dut azkenaldiko eguraldiaren joanaren ondorioz-edo nire arreta erakarri duten gertakari batzuk azaldu. Bare eta barraskiloen emana ez da urritu. Ez dut horrelako urterik ezagutu. Baina harritu nau gure etxe inguruan ugari samarrak diren zapoak aurten bere dieta osatzen duten bi haien proportzio berean ugaritu ez izana. Bi arrastakari haiek baratzean eginzale diren landare sarraskiei aurrea hartzeko zaintza lanak zorroztu behar izan ditut; gauero hor ibili naiz begirale katuaren mugarrien barruan birundan. Matxinsalto berdeak inoiz baino ugariago ikusi ditut. Abuztuaren lehen egunean bibelarra botatzen ari ginela ikusi behar zen zer matxinsalto eta salto festa segamakinaren aurrean. Bigarren loraldi deigarria izan dute sasiakaziak ( Robinia pseudoacacia ) eta Soulangeko magnoliak ( Magnolia x soulangeana ). Indarra hartu dute aurten ere garoak ( Pteridium aquilinum ) eta belar jakin batek: Paspalum dilatatum . Sagarrondoen ( Malus x domestica ) eta mahatsondoen ( Vitis vinifera ) loraldiak atzera etorri baziren ere, fruituen heldutasun maila bere onera etorri dela dirudi eta urtero modutsuko sasoian izango direla uztak. Deigarria gertatu zait aurten zumarrek ( Ulmus sp. ) aspaldiko urtetako pasadarik handiena hartu dutela. Gaitzak adar ugariri eraso die, bai eta batzuk goitik behera erre ere. Pinudietan (Larizio pinua Pinus nigra eta Intsinis pinua Pinus radiata ) ere gaitzak harrotu dira. Duela gutxi, lorazain batek idatzi dit ea indimitrearen ( Lagerstroemia indica ) loraldiaz ez ote dudan ezer idatzi behar sareetan... Eta zerk jo du zure begia?
news
argia-9308e4eacc7b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/aztarna-artistikoak.html
Aztarna artistikoak
Iratxe Retolaza
2018-09-02 00:00:00
Aztarna artistikoak Zuloa saiakeran, hogeita hiru obra artistikoren geografian barneraturik, Euskal Herriko arte garaikidearen ibilbide pertsonala osatu du Xabier Gantzarainek. Bada ibilbide historikoa ere, azken hogeita hamar urte luzeetako artearen ikuspegi soziokulturala osatu duelako, 1983. urtetik 2016. urtera arteko arte-lanen interpretazioak josirik. Zernahi gisaz, artearen historiaren konbentzioez beste egituratu du diskurtsoa: historia hurbila izan du ardatz, ez ditu obrak ordena kronologikoan aurkeztu, arte-lanak ez dira lotu kate logiko bakarrean, diziplina artistiko anitzen berri eman du (argazkigintza, instalazio eta interbentzio artistikoak, bideogintza, eskultura, performantzea, pintura eta abar). Arte-lanen artean izan badira oso lan ezagunak, imajinario kolektibora jauzi egin dutenak (esaterako, Jose Luis Zumetaren Gernika); eta izan badira hain ezagun ez direnak (adibidez, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruizen Katalepsis). Kanonaren ertzak ere lausotu ditu, beraz. Ugaritasun horri esker, Zuloa saiakerak arte garaikidearen argazki berria eskaintzen du. Artearen dibulgazioan lan mugarria dugu, zalantzarik gabe, irakurleoi artearen esperientziak transmititzeko diskurtso-era berritzailea jorratu duelako, baita ahots pertsonal eta hurbila sortu ere. Hurbiltasun horri esker, eskutik hartuta darama irakurlea arte-lanen testuinguru artistiko, historiko eta soziopolitikoan barna. Arteak gizarte-kodeak azalerazteko, auzitan jartzeko edo berritzeko gaitasuna du, eta Gantzarainek arte-kodeak zein gizarte-kodeak harremanetan jartzen ditu. Arte-lanek sorturiko susmoak, ezinegonak eta galderak abiapuntu izanda, Euskal Herriko gatazka soziokultural edota soziopolitikoen inguruko zentzuetan eta sinbologian arakatzen du (euskalduntasunaren inguruko mitoak, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, kontsumo-gizartea, gatazka armatua –ETAren indarkeria, polizia-jazarpenak, torturak…–, globalizazioa eta abar). Hartara, nolabaiteko memoria artistikoa eratu du Zuloa -n, baina, ez du sortu memoria narratibo gotorrik, puskaka, jauzika eta printzaka osaturiko memoria baizik, gure memoria kolektiboaren zulo hori osatze aldera: arte-esperientzien lekukotzak.
news
argia-85d71a669e3f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/maria-jesus-balbas.html
"Menopausia okerren bizi dugunak europarrak gara"
Ane Labaka Mayoz
2018-09-02 00:00:00
"Menopausia okerren bizi dugunak europarrak gara" María Jesús Balbás Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da, esperientzia handiko homeopata eta ginekologoa. 2008an Bueno chicas, esto se acabó: Una guía para desdramatizar la menopausia (Neskak, hau bukatu da: Menopausia desdramatizatzeko gida) eta 2009an Guía para una menopausia (casi) perfecta (Menopausia -ia- biribila izateko gida) liburuak idatziak ditu. Zarautzen dauka kontsulta. Elkarrizketan menopausia duen emakume ahul, triste, antzu eta gaixoaren irudiaren aurka egiteko tresnak eskaini ditu. Zer da menopausia? Definitzeko zaila izan daiteke agian… Definizio erraza dauka. Menopausiak data jakin bati egiten dio erreferentzia, azken hilekoarenari. Menalgia lehen hilekoa bada, menopausia azkenekoa da. Emakumearen bizitzako garai fisiologikoa da, ugalkortasun aroaren bukaera zedarritzen du, besterik gabe. Zaila dena da garai honen inguruan egin den eraikuntza. Gizarte honetan emakumearen bizitzan gertatzen den guztia estigmatizatu eta ikusezin bilakatzen da. Helburua emakumea desboteretzea da, denerako medikuen laguntza behar duela sentitu dezan: hilekorako, haurdunaldirako, erditzeko, erditze osterako, edoskitzeko edo ez edoskitzeko, eta azkenik, menopausiarako. Medikalizazio hori industria farmazeutikoarentzat onura baino ez da eta beldurraren bidez lortzen da. Erdi Aroan Eliza baliatzen zen eta gaur egun zientziaren izenean egiten da. Mehatxu honi aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu genero ikuspegia izatea. Zure lehen liburuaren izenburuan "Neskak, hau bukatu da" diozu, zer da zehazki bukatu dena? Gauza dezente. Ugalkortasuna bukatzen da eta emakumeen gehiengoari zoragarria iruditzen zaio, ez baitut uste emakume asko egongo denik adin batetik aurrera haurdun dagoela jakinda pozez saltoka hasiko litzatekeenik. Hala ere, badago dolu bat eta ezin dugu ukatu. Dolua emakumeengan soilik ematen da, gainerako ugaztun guztiek hil arte erditu baitezakete. Berezitasun honek galdera asko sortu izan ditu, emakumeak ia bizi erdia pasa baitezake ugalkorra izan gabe. Hipotesi ugari daude eta azkenaldian "amonaren hipotesia" da nagusi; badirudi emakumeek hilekoa eteten dutela biloben hazkuntzan lagundu ahal izateko. 'Lagundu' aditza azpimarratu nahi nuke. Gaur egun normaltzat hartzen da amona biloben kargu egitea, baina argi dago gure gizarte ereduaren isla dela. Norvegian, Alemanian eta beste zenbait herrialdetan, esaterako, bi urteko amatasun-baimenak daudenez, kontua oso bestelakoa da. Beste gai bat ere badago: garai horretan emakumeak arreta bere buruarengan jarri dezake. Bizitzan lehen aldiz agian, sentitu dezake ez daukala bere arretaren %99a eskaini behar dion inor. Menopausia bizitzeko moduan testuinguru sozio-kulturalak eragin zuzena daukala dirudi. Bai, hilekoaren antropologiari erreparatuz, emakume afrikarrek honakoa esan ohi dute menopausiara iristean: "Dagoeneko ez nau ilargiak bisitatzen, orain ni naiz komunitate osoa sostengatzen duena eta ez lehen bezala nire seme-alabak soilik". Mujeres sin pausa filma gomendatzen dut, munduko hainbat lekutako esperientziez hitz egiten duena. Pelikulan argi ikusten da antsietate handienarekin eta okerren bizi dugunak europarrak garela, desboteretuta eta galduta gaudelako. Bizitza osoan oso dramatikoa dela esan dizutenez eta sinetsi duzunez, menopausia oso dramatiko bizitzea espero duzu. Menopausia desdramatizatu behar da. Desdramatizatu beharrean estigmatizatzera jotzen da, ordea. Emakumeari gertatzen zaizkion gauzetan, erreakzioa "ai, zer pena!" da beti. Umeari hilekoa jaitsi zaio 13 urterekin eta "ai, zer pena!", 11 urterekin jaitsi zaio eta "ai zer pena, ezta?", 14rekin ez zaio jaitsi?...  "Ai!". 20 urterekin haurdun geratu da… "ai, denbora galduko du, zer pena!", 35ekin… "bada zer pena, bakarra eduki ahal izango du, zer pena, lehenago eduki behar dira!". 40rekin eduki du… "zer pena!". Ez dauka umerik… "zer pena!". Zesarea izan du… "zer pena!", bere kabuz erditu du… "ai zer pena!", bularra ematen du… "ai zer pena", edoskitzea luzatu du… "ai zer pena", lau hilabetez bakarrik eman dio bularra… "ai zer pena!", ez dio eman… "zer pena!". Gero menopausia iristen da eta… Baina ea, ez al zen pena hilekoa edukitzea? Orain akaso pena da ez edukitzea ere? Niri kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. "Armairu garbiketa moduko bat da, behar ez den guztia bota eta lau gauzarekin geratzea, emozio zahar guztiak kudeatzea. Menopausia askatasun espazioa da, bat-batean norberarentzako denbora hartzea" Emakumearen bizitzako etapa fisiologiko guztiak gutxiesten dira. Adibidez, izugarria iruditzen zait hilekoa pilula bidez desagerrarazi nahi izatea. Behin ginekologo bati entzun nion ondokoa, berak aurrerapen bezala saltzen zuena: "Emakumeari lagunduko diogu bere prozesu osoan, lehenik hilekoa kenduko diogu, ez dezan sufritu; 25 urterekin obuluak atera eta laborategian gordeko dizkiogu, obulazioa geldiaraziz eta berak esan dezala noiz izan nahi dituen umeak. 37-39 urterekin garai egokia litzateke, bera pertsona bezala garatzen denean edo. Gero 'Hormona Bidezko Terapia Ordeztailera' igaroko gara zuzenean, menopausia izan ez dezan". Hori ez da laguntzea. Ez dugu bere prozesua errespetatu. Menopausia emakumeak bere burua elikatzen duen unea da. Armairu garbiketa moduko bat da, behar ez den guztia bota eta lau gauzarekin geratzea, emozio zahar guztiak kudeatzea. Menopausia askatasun espazioa da, bat-batean norberarentzako denbora hartzea. Zer esan nahi duzu "norberarentzako denbora hartzea" diozunean? Lau oinarri nagusi aipatzen ditut beti. Dieta, ariketa fisikoa, barne isiltasunerako teknikak (meditazioa) eta, behar izanez gero,  une egokia izan daiteke terapia bat planteatzeko. Agian, bakarrik ezin dugu gure armairuarekin eta mudantzarako beste bat behar dugu. Bizitzaren zentzuaz hausnartzeko unea da, heriotzaz, gauzen garrantziaz… Emakume askok bizi esperientzia oso gogorrak izan dituzte eta horretarako daude terapeutak. Nire ustez tresna garrantzitsuak dira garai hori ebazteko, aldaketa txiki deserosoei eta gutxiesten zaituen gizarteari aurre egiteko. Funtsezkotzat daukat homeopatia ere, tratamendu pertsonalizatua egiten duelako eta azaleratutako sintomen bidez sakoneko gatazketara irits gaitezkeelako. Asko errepikatzen dira: ardura gehiegi izatea, abandonu sentipena… Argi izan behar da, hala ere, emakume bakoitza mundu bat dela eta emakume bakoitzak laguntza ezberdina beharko duela. Batzuek ez dute ezer behar. Benetan 'Hormona Bidezko Terapia Ordeztailea' behar duena %1 litzateke. Aitzitik, orokortzea eta medikalizatzea da joera nagusia, antidepresiboak eta somniferoak errezetatuz, adibidez. Menopausia osasun galerarekin lotzen da eta, zehatzago esanda, hiru arrisku nagusirekin: miokardioko infartua, bularreko minbizia eta osteoporosia. Interesgarria da aztertzea zergatik dagoen bularreko minbizi gehiago garai honetan, egungo medikuntzak ez baititu zergatiak aztertzen. Psikosomatika klinikoan badakigu osteoporosiak autoestimarekin duela zerikusia, gutxiespenarekin eta ariketa fisikorik ez egitearekin. Elikadurarekin ere lotura zuzena dute gaixotasun horiek. Elikadurari garrantzi berezia aitortzen diozu. Oso garrantzitsua da. Ziklo sexuala aktibo daukagun artean, estrogenoak garatzen ditugun artean, egokia izan daiteke, esaterako, gantz saturatuak jatea, estrogenoen nukleoa kolesterola delako. Horregatik galdu ohi dute hilekoa argaldu nahian dabiltzan neska gazteek. Menopausiarekin, ordea, estrogenorik ez dagoenez, gantza pilatu egiten da, askotan arterietan, eta arazo kardiobaskularrak eragin ohi ditu. "Hormona Bidezko Terapia Ordeztailea behar duena %1 litzateke. Aitzitik, orokortzea eta medikalizatzea da joera nagusia, antidepresiboak eta somniferoak errezetatuz, adibidez" Dietan gantz saturatu gutxi komeni da, haragi gutxi eta aldiz, barazkiek, frutek, lekaleek, haziek eta arrainak lekua izan behar dute. Emakume asko barazki-jale egiten dira garai honetan eta uste dut senak gidatzen dituela horretara. Besteentzako beharrean norberarentzat janaria prestatzen ikasteko sukaldaritza tailerrak egitea ere egokia da eta, bide batez, elikadurari buruz hitz egitea. Janari biologikoa eta irin integralak kontsumitzea ere bai. Garai batean 'Hormona Bidezko Terapia Ordeztailea' salbazio bezala saltzen zuten, bai beroaldientzat baita aipatu ditudan gaixotasunentzat ere. Baina denborarekin argi geratu da ezetz, ez daukala zerikusirik eta bidea beste bat dela; dieta eta ohiturak aldatzea. Orduan norentzat litzateke 'Hormona Bidezko Terapia Ordeztailea'? Menopausia goiztiarra duenarentzat, obarioak kendu dizkiotelako edo arrazoi ezezagunak tarteko 36 urterekin menopausia iritsi zaiolako. Hori, noski,  gaixotasun bat da, ez da soilik prozesu fisiologiko bat. Zesarearekin alderatzen dut nik. Egin behar da zesarea? Bai noski, beharrezkoa denean, baina ez sistematikoki kasu guztietan. Berdin gertatzen da terapia honekin. Asko kezkatzen nauen beste ideia bat da emakumeak garai honetan depresioa pairatzen duela esatea. Baieztapen horrek depresioarekiko ezezagutza handia adierazten du. Emakumeak menopausian egiten duena aurrez esandakoa da, armairuaren garbiketa, eta batzuek horri aurre egiteko baliabideak eskura dauzkate, baina beste askok ez. Adibidez, ariketa fisikoa egiten bada, gaba izeneko neurotransmisore bat askatzen da, angustia, antsietatea eta loezina eragozten dituena, eta gorputz-dardarak eragoztera ere irits daiteke. Gure garuneko neuronen %85 gabaergikoak dira, hau da, gaba jasotzen dute. Orduan galdera honakoa litzateke: nola produzitzen dugu gaba? Egunero, oinez, ordu eta erdi ibiltzen den emakumea gaba fabrikatzen ari da, eta ondorioz, gatazka ugariri eta osteoporosiari aurre egiteko gai izango da. Gainera, hobeto sentituko da bere buruarekin. Zirkulazio eta digestio arazoak ere saihestuko ditu. Ariketa fisikoa garai horri aurre egiteko oinarrietako bat da, beraz. Menopausia berdefinitu beharko genukeela uste duzu? Bai, argi dago menopausiak baduela kutsu gaitzesgarri bat. Irakaslea izan naiz urte askoan eta ikasleei eskatzen nien menopausia hitza entzunda burura etorritako lehen gauzak zerrendatzeko: zaharra, heriotza, minbizia, jasangaitza, histerikoa, desorekatua…. Izugarria da. Klimaterioa [menopausia aurreko eta ondorengo garaia] esanda "etapa, iritsiera, ebazpena…" aipatzen zituzten, baina berdina da. 'Menopausia' hitza bera katastrofikoa da. Nik uste ezin dugula atzerantz egin hitzak berak pisu handia duelako eta oraingoz ezin dugulako hitz hori ezabatu, baina esanahia aldatu behar diogu. Horretarako, lehenik eta behin, emakumeak genero ikuspegia izan behar du, ahalduntzea baita bidea. Ideala litzateke 13 urte inguruko neskekin hastea lehen prozesuan bertan, hilekoan, dagoeneko ez dezaten madarikaziotzat hartu. Menopausiara iristea klimax momentu batera iristea litzateke. Ezin dugu ahaztu, ordea, nondik gatozen. Medikuntzaren aitatzat hartzen den Hipokratesek zioen emakumeen bizitzan menopausia garai beldurgarria zela, garai horretan emakumea deskonposizioan zegoen hilotz bilakatzen zela, sorgin. Adin ezberdinetako emakumeen zirkuluak sortu behar ditugu. Ez dugu itxarongo salbatu gaitzaten. Profesionalik gabeko eremu egokiak lirateke lekukoa pasa eta nerabeei bizitzako hainbat garairi buruzko informazioa transmititzeko. Uste dut kontzientzia hartzeak horrela izan behar duela, transbertsalki eta zirkuluan, emakumeek behingoz beren buruari buruz hitz egiteko baimena izan dezaten.
news
argia-1dfa5c30883e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/dewayne-johnsonen-minbiziak-balioko-ote-du-roundupa-debekatzeko.html
Dewayne Johnsonen minbiziak balioko ote du Roundupa debekatzeko?
Pello Zubiria Kamino
2018-09-02 00:00:00
Dewayne Johnsonen minbiziak balioko ote du Roundupa debekatzeko? Monsantok 289 milioi dolar ordaindu beharko dizkio San Frantziskoko udal langile bati Roundup herbizidak eragin duelako gizona hil-hurren daukan minbizia. Hala ebatzi du abuztuaren 11n Kaliforniako epaitegi batek. Epai historikoak berriro atera du eztabaida publikora munduan gehien kontsumitutako herbizida kimiko aspalditik susmagarria. Balioko du nekazaritza industrialaren oinarrietako bat dena debekatzeko? Ala nekazari profesional eta amateurrek jarraituko dute itsu erabiltzen? Erabaki historikoa da Kaliforniako herritarrez osatutako epaimahaiak hartu duena, lehen aldiz AEBetako epai batek lotu baitu baratze eta soroetako belar txarrak hiltzeko erabiltzen den glifosatoa –komertzialki gehien bat Roundup izenez ezaguna– minbiziarekin. Epaimahaiak frogatutzat jo du 46 urterekin hilabete gutxiko bizia iragarri dioten Dewayne Johnsonen Ez-Hodgkin Linfoma Roundup -ak eragin ziola, San Frantziskoko udalarentzako lorezaintzako lanetan erabiltzearen poderioz. Epaiak ondorio garrantzitsuak ekar ditzake Europan ere, Europar Batasuneko legeen arabera ezin da-eta komertzializatu eragin kantzerigenoak dauzkan produktu fitosanitariorik. Ala, oso bestela, haizeak eramango duela 2018ko abuztuko beste opor-albiste zalapartatsuekin batera? Gertatuaren mamiaz France Culture irratiak bi aditu elkarrizketatu ditu, Stéphane Foucart Le Monde -ko kazetaria Monsanto ren informazio ezkutuak plazaratuz saritua izan dena eta Emilie Gaillard Normandiako unibertsitateko irakaslea Hagan Monsantori 2016an egin zitzaion herri epaiketako kidea. Haien analisiak laburbildu ditugu. Kaliforniako epaileen abuztuko sententziak duela bi urteko gertakizun batean du oinarria. 2015ean IARC Kantzerraren Ikerketarako Nazioarteko Zentroak –Munduko Osasun Erakundearen adarra denak– "probabletzat" ezarri zuen glifosatoak eragin ditzakeela minbiziak gizakiengan. Geroztik 4.000 familiak dauzkate AEBetan kereilak aurkeztuak Monsantoren kontra Ez-Hodgkin linfomak nozitzen dituzten senideen erantzuletzat joz. Krisiari aurre egiteko, Monsantok eta oro har industria agro-kimiko osoak lobby kanpaina bortitza egin du bi urteotan IARCren txostena indargabetzeko. Eta lortu dute bai Europar Batasuneko eta bai AEBetako elikadura segurtasunerako arduradunek auzitan jartzea IARCren 2015eko txostena. "Horrek erakusten du –dio Foucartek– zein dibortzio larria dagoen alde batetik zientzia akademikoaren eta bestetik zientzia erregulatzailearen artean. Lehenak [IARCek bildu duen aditu taldeak] gaia ikertzen du zientzialarien modu klasikoan, hipotesiak aztertu eta alderatuz. Baina Europa eta AEBetako agintari araugileek kontutan hartzen duten zientzia da industrialek berek baimenak eskatzeko sortzen dutena, zientzia kontrolatua". Akademiko ospetsuen izenez mozorrotutako zientzia kontrolatuaren funtzionatzeko era hobeto ezagutzeko aukera eman zuten 2017an AEBetako epaileen aginduz desklasifikatutako barne paperek . Haietan ageri zen Monsanto multinazionaleko ikertzaileek berek ere kezkak badituztela aspalditik beren produktuez, baina ikerlari arduradunek diotenez ez dela komeni muturrik sartzea produktuon merkaturatzea arriskuan jar dezakeen bideetatik. Monsantok bere produktuen alde egiten duen lobbygintzak oroitarazten du duela 40 urte tabakoaren industriak egiten zuena, baina handiagoan. Epaileen aginduz 2017an Monsantori aurkitutako barne agirietan demostratu da Roundup -a zuritzeko ikerlanak enpresak berak espreski sortu eta gero –ondo pagatuta– sinatzera ematen zizkiela zientzialari ezagunei hauek beren izenpean aldizkari zientifikoetan publikatu zitzaten. Txosten horietako batzuk dira urte luzez glifosatoaren arrisku gabetasuna justifikatu duten nagusietakoak. Nekazaritza gehiena pozoiaren 'yonki' Eztabaida zientifikoaren ikuspegitik, 2017an eskuratutako Monsantoren agiri ezkutuek asko argitu zuten gaia: enpresak berak tranpatan zabaldutako dokumentazio guztia auzitan jarriz gero, glifosatoa arriskutsua dela dioen zientzia askoz gardenago ageri da. Eta abuztu honetan San Frantziskoko zinpekoek sententzia bidez jurisprudentzia ezarri dute IARC-ek esandakoarekin. Luze joko du, ordea, epaia betiko finkatzea. Monsantok –berrikitan Bayer multinazional alemanak erosia – armada bat abokatu dauka eta apelazioa egingo du. Transgeniko, etxalde erraldoien eta mekanizazioaren gainean antolatutako agro-industriaren eskeman Roundup -a gakoa baita. Kaliforniako epaiak aktualitatera ekarri du 2016an Hagan burutu zen Monsanto Auzitegia -ren lana. Holandako hiriburuan Roundup -aren arrisku eta kalteak aztertzean, ekozidio delituaz egindako lanketa garrantzitsuaz gain, epaimahaiak agerian utzi zuen munduko agintariek aurre egin behar diotela fenomeno berri bati: produktu baten arriskuek etorkizuneko jendeen bizitzak baldintzatzeari.   Monsanto Epaitegia -n parte hartu zuen Emilie Gaillardek dioenez, glifosatoarekin eta oro har beste hainbat pestizidarekin ari da gertatzen urte luzez amiantoarekin gertatu denaren oso antzekoa: amiantoaren industriak hamarkada luzez egin zuen moduan kalteak aspalditik egon arren demostratuak industriak eten gabe argudiatzen duela batetik arrisku horiek aski frogatuta ez daudela eta, beste, alternatiba hoberik ez dela horretarako nekazarien bidez presio eginez. Kontua da Europako legediak aitortzen duela prekauzio printzipioa , hau da, produktu batek gizakientzako edo ingurumenarentzako eduki dezakeen arriskuaz susmo sendorik egonez gero agintariek prekauzio printzipioaren arabera jokatu behar dutela, behar izanez gero merkaturatzea debekatuz. Alde horretatik, Hagako Monsanto Auzitegia -k multinazionalaren salaketa erretorikotik urrats bat aurreratuta argudio juridikoak osoki landuta utzi zizkien prest agintariei hauek erabaki politikoak hartzeko. Hala ere, Kaliforniako epaiak aldatuko ditu gauzak? Zein abiaduratan? Glifosatoa da munduan gehien saldu eta erabilitako produktu fitosanitarioa. Urtean 800.000 tona erabiltzen dira munduan. Nekazari gehienak, behintzat ekonomikoki garrantzia dutenak, ohitu egin dira beren soro eta baratzeetako belarrak Roundup -ez kontrolatzera, ezingo lukete funtzionatu hura gabe. Baina glifosatoak laborariez gain baditu yonki askoz gehiago. Administrazio publikoek trenbide eta errepide bazter, kale, parke eta abarren mantenuan banalizatu dute Roundup -a. Baratzezain amateurrak dira beste pozoizale amorratuak, herbizidak bezala klase guztiko xomorro akabatzaileak kontrolik gabe barreiatzen dituztenak. Hainbeste zalaparta eta gero, harrigarria badirudi ere, kilo erdiko Roundup potea libreki saltzen da Euskal Herriko komertzioetan: pozoi arriskutsuak manejatzeko administrazioak ematen duen karneta ez da behar kiloa baino gutxiagoko kopuruetan. Bitxia: bai eskatuko dizute nekazaritza ekologikoan onartuta dagoen salda bordelesa erosteko! ( ADEGA talde ekologista galiziarrak zabaldutako bideo honek erakusten du ADIF trenbide sare publiko espainiarraren konboi bat Galizian trenbide bazterrak glifosatoz igurzten, administrazioko beste zerbitzu askok egiten duten moduan)
news
argia-90f3fd026bcf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/oreka.html
Oreka
Joxerra Aizpurua
2018-09-02 00:00:00
Oreka Hogeita hamar urte igaro dira Paris eta Londres lehen aldiz bisitatu nituenetik. Automobilez joan ginen eta Mantxako kanala ferryan zeharkatu genuen; aipatu hiriburuetan automobilez ibiltzeko ez genuen arazo berezirik izan. Aurten antzeko ibilbidea egin dugu, baina ez gara hiriburuetan automobilez sartzera ausartu. Londresen kasuan, Folkestone hirian hartu genuen ostatu, 120 km-ra, eta Londresera hurbiltzeko 50 minutu behar zituen tren azkarra erabili genuen. Trenak bide zahar berritutik egiten du bidea, eta lau geltokitan geratzen da. Trenbide beretik beste tren batzuk ibiltzen dira mantsoago eta geltoki gehiagorekin. Tarifen sistema ere deigarri egin zitzaidan, ez baitira berdin ordaintzen goizeko 8etako eta 10etako trenak. Ordu puntetan, beti garestiago. Tren azkarra zen hartu genuena, agian ez oso azkarra, baina nahikoa. Ez dakit zein izango zen bere garaian egindako inbertsioa, baina Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian AHTren inguruan egin eta egiten ari direnekin alderatuz, oso apala izango zelakoan nago. Jakin badakit estrapolazioak matematiketan ongi funtzionatzen duela eta ez hain ongi hortik at, baina estrapolazio egokituak mundu osoan eta bizitzako egoera askotan erabiltzen ditugu. Hortaz, Ingalaterrakoa Euskal Herrira eta ingurura ekartzen saiatu nintzen; Irundik Madrilerako bidea, trenbide zaharra berrituz gero, bi ordu eta erdian edo hirutan egiterik izango genukeen eta Hendaiatik Parisera lau ordu pasatsutan, eta hori guztia eraikitzeko ez zait iruditzen dozena erdi bat urte baino gehiago behar izango genukeenik. Beraz, hamarkada honetan hasita jada martxan izango genituzkeen bi trenbide azkar samarrak. Abiaduraren eta inbertsioen arteko oreka mantenduko genuke eta datorren hamarkadan Hyperloop bezalako sistema teknologikoen bidez beste jauzi bat egiteko eran izango ginateke, betiere egin beharreko inbertsioen eta lortutako emaitzen arteko oreka mantenduz. Euskal Herrian eraikitzen ari garen AHT-k hamabost edo hogei urte beharko ditu abian jartzeko, Madrilek eta Parisek orain bezain urrun  jarraituko dute eta egindako esfortzuaren eta lortutako emaitzaren artean ez da ratio onik izango. Ildo horretatik doa Europatik uztailean bidalitako abisua, nire ustez, baina abisu hori gabe ere,  gehiegi luzatzen eta esfortzu ekonomiko handiegia eskatzen ari den azpiegitura baten aurrean gaudela ezin uka. Bidaiatzen segitu nahi dut eta askotan helburuetara heltzeko azkartasuna behar dut eta trena gustukoa dut. Baina lan publikoetan ere beste alor askotan eskatzen dugun didaktika erakutsi behar dugu.
news
argia-9c0f4020bc06
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/marie-claire-leurgorri-ttipitik-ttipiaren-defentsan.html
"Dena egina da etxalde ttipiak desagertzeko"
Jenofa Berhokoirigoin
2018-09-02 00:00:00
"Dena egina da etxalde ttipiak desagertzeko" "Lakarrin du etxaldea Leurgorrik, errotik maite eta zaintzen duen lan tresna ttipia. Ttipia bezain gogorra, patarrean dituelako pentzeak. Lanbidetik ezin bereiziak ditu ELB sindikatuan eta Lurzaindia gisako ekimen kolektiboetan pasatako denborak. Militante nekaezina izan arren, gaur egungoa zaila zaiola aitortzen du: etxalde ttipien alde urte luzeetan eraman borrokek ez dutelako emaitzik eta egoera ekonomikoa geroz eta beltzagoa dutelako". Erreusitzeko etxalde handia behar da? Uste hau untsa sarturik da jendeen gogoetan. Dena horretara bideraturik da, lagungoak ere etxaldearen handitasunaren araberakoak dira. Baina, guztiari begiratu behar zaio, ez da egia beti eta handiago izan eta sos haboro badela, handituz gastuak ere haboro ditugulako. Hiru etxalde ttipik handi batek baino balio gehiago dutela dio ELBk. Segur da herri baten aberastasuna hiru etxalde ukatean dugula. Ez bakarrik herriarena, lurrarena,  biodibertsitatearena, ingurumenarena, baita ere komertzioena, ofizialena... Bazterrak oro biziarazten ditu laborantza azkarra ukateak. Auzoen presentzia segurtatzen dute. Zer da laborari izatea auzorik gabe? Hooo, zinez gaitza da! Zure munduan bakarrik gelditzea gai minbera da, bakartasun hau dute ondorioztatzen etxalde handiek. Handiago izan eta laborariak apurrago, jendeak apurrago eta azkenean bizia apurrago. "Etxalde ttipiak" komisioa duzue ELBn. 2008ko krisia eta gero sortu zen. Krisia ez dakit garaian bazen eta orain ez den, baina orduan denek sendi genuen ekonomikoki gogortu zela, bizia gogorragoa zitzaigula. Ordungo ttipi guztiak hamar urteren buruan bizirik izateko helburuarekin sortu genuen. Hori hola? Etxalde ttipien problematikak ezagutarazteko helburuarekin abiatu ginen, hauek dutelako behar handiena. Denbora berean, Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) berri batez pentsamenduka ari ziren eta Errumaniako komisario Dacian Ciolosek ere lagundu behar zirela zioen, laborantzaren bizkar-hezurra zirelako. Errumaniarentzat erranak Euskal Herrirako eta Frantziarako balio zuen. Entzunak zarete? Zinez gaitza da entzunak izatea. Entseatu ginen baina laster ikusi genuen FNSEA (Nekazari Ekoizleen Sindikatuen Federazio Nazionala) eta haien lagunen partetik zer nolako lobby lana dagoen. Ciolos ere ez zen entzuna! Geroz eta etxalde gehiago da oso estu. Segida dutenak baino etxalde huts haboro ukanen ditugu, ilkibide bat atzeman beharko dugu. Segida izaten ahal dutenetan ere mezu beltz bat pasarazten zaie ondorengoei. Segida errazkiago deslotuko da ez bazaio esperantzarik ematen. Esperantza ere bada, jendea plantatzen delako oraino. Laborari mundukotik kanpokoak ere badira, baina, ez da batere aisa hauen eta segidarik gabekoen artean zerbait lortzea. Etxaldea ez da bakarrik lan tresna, barnetik hunkitzen gaitu, nonbait gure etxeari, gure intimitateari lotua da, uztea gogor da. Plantatzeko abantailak dituzte ttipiek. Bai baina politika azkar bat ezarri behar dugu interesgarriak eta lagunduak bilaka daitezen. Usu sendi dut gure lana ez dela aitortua. Bizi zarete elkartasunari esker, laborarien artekoa nola kontsumitzaileena.  Bai, baina noiz arte? Nik hori dut kezka! Ez dut erantzun baikor bat ematen ahal, sendi dut zinez pobretzen ari garela. Errealitate ekonomikoa hor dugu, dena egina da ttipiak desagertzeko. Zinez azkar izan behar da buru egiteko. Politikoki kanbiamendu azkarra behar litzateke etxalde ttipiei esperantza emateko. Ez duzu sendi. Badu hamar urte borrokan ari garela, etxalde ttipiak ez dira sekula hainbeste aipatu! Baina ez da deus eginik. Urtero 10, 20 ala 30 etxalde ttipi galtzen badira, zein gero litzateke Iparraldean? Nolakoa ukanen dugu ingurumena? Etxalde ttipiak ofizialki ezagutuak izan behar dira, beharbada hamar urteren buruan berantegi litzatekeelako. Ez zara baikorrena. Betidanik ala azken urteetako ikuspegia duzu? Duela hamar urte banuen esperantza azkarra, baina ikusten dudalarik egin dugun guztiarekin, Parisera egindako joan-etorriekin ez dela deus mugitu, zinez zaila zait. Sosaren aldetik ere zinez gogortzen ari zaigu egoera. Egoera aipatzen da laborarien artean? Etxalde ttipi bat isilik desagertzen da, emeki-emeki; "horrela duk, etxalde ttipietan ez da aisa" erranez desagertzen da. Gure artean aipatzen dugun? Ez eta horrek kezkatzen nau. Zinez sendi dut urtez urte pobretzen ari garela, duela 25 urtez anitzez ere hobeki bizi ginen! Erran behar da behi gorriekin naizela eta gu garela bereziki krisiaz hunkirik. Militantziak eta kolektiboak ekartzen dizu beste aberastasun bat. [Isilunea] Galdera zaila da eta momentuan ez zenuke hori galdetu behar [irria]. Borroka kolektiboak ez baziren izan ez nintzen sekula helduko. Hori aspaldi konprenitu nuen. Baina laborarien geroa segurtatzeko ez dakit borroka kolektiboak aski izanen diren. Ez dakit ere gerorako militantzia duela hamar ala hogei urteko bera izanen den. Ttipiak babesten dituen sindikalismorik gabe, gerorik ez. Hori segur da. Jada sindikalismoarekin zaila dugu, orduan sindikalismorik gabe...
news
argia-087f20f7ad5f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/txerrikia-debekatu-ekonomia-eta-ekologiagatik.html
Txerrikia debekatu, ekonomia eta ekologiagatik
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-09-02 00:00:00
Txerrikia debekatu, ekonomia eta ekologiagatik Musulmanek eta juduek debekatuta daukate txerrikia jatea, Koranak eta Lebitarren liburuak jaso bezala. Azalpenik zabalduena txerriek eragiten dituzten osasun arazoak izan dira: bizkarroi arriskutsuak edukitzea, trikina, esaterako, edo haragia erraz usteltzea... Baina Marvin Harris (1927-2001) antropologo estatubatuarrak bestela pentsatzen zuen. Haren ustez debekuaren atzean arrazoi ekonomiko eta ekologikoak daude. Txerrien habitat egokiena ibai bazterretako baso hezeak dira. Baina nekazaritzak Ekialde Hurbileko ekosistemak idortzea eragin zuen Antzinaroan eta horrek aldaketak eragin zituen abeltzaintzan, ahuntzak eta ardiak hobeto egokitu baitziren inguru berrira.
news
argia-d75e92a7bec3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/armagintzaren-negozioa-2.html
Armagintzaren negozioa
Juan Mari Arregi
2018-09-02 00:00:00
Armagintzaren negozioa Azken asteotan hipokrisia politiko handi batekin egin dugu topo: kaleko saltzaile migratzaileak (manteroak) salatu eta aldi berean armagintzaren negozioa isilpean gorde, nahiz eta negozio horren ondorioz Yemenen kontra Saudi Arabiak eta beste herrialde batzuek daramaten gerra sekretuan makina bat haur hil dituzten. Espainiako Estatuan, Ciudadanosek eta PPk gogor egin dute manteroen kontra. Eta hauek eguraldi txarraren, poliziaren eta politikari arrazisten kontra egin behar dute behin eta berriz. Politikari zenbaitek jarrera faxista eta xenofoboz manteroak xaxatzen zituzten bitartean, Saudi Arabiak –Yemenen kontrako eraso militarraren sustatzaile nagusia eta gizateriaren kontrako krimenetan espezializaturik dagoena– eskolara zihoazen autobusak bonbardatu zituen eta 43 haur hil. Bonba horiek Espainiako Estatuaren armagintza negozioaren parte dira, eta euskal enpresak ere hor daude. Negozioa ondu da monarkia espainiarrak xeke arabiarrekin duen harreman estuari esker. 2012-2016 urteen artean Espainiak Saudi Arabiari armak saldu zizkion 1.400 milioi eurotan. 2017an beste 361 milioi izan ziren, aurreko urtean baino %133 gehiago: hegazkin militarra, granadak eta artileria-munizioa. Non daude eskuineko alderdi faxista eta xenofoboak? Non gainerako espektro politikoa, euskal eta espainiar ezkerrak barne? Isilik daude halako egoeren aurrean. Non dira Espainiako Estatuko intelektualak? Non Euskal Herrikoak? Prentsan, irratian eta telebistan... Euskal tertuliakideek ere aspertzen gaituzte –Tasio, Fitero eta beste bakarren bat kenduta– Casadoren edo Espainiako presidentearen emaztearen aferekin. Uda izatea ez da aitzakia, armen negozio hiltzailearekiko mantentzen ari diren isiltasun konplizea justifikatzeko.
news
argia-0b26744b3ef1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/estelada-argitara.html
Estelada argitara
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-09-02 00:00:00
Estelada argitara Katalunia, 1918ko irailaren 11. Estelada, Kataluniako bandera izarduna, lehenengoz argitaratu zen inprimaki batean. What says Catalonia (Zer dio Kataluniak) izenburuko eskuorria zen, Lehen Mundu Gerra irabazitako herrialde aliatuei, nagusiki AEBei, ingelesez zuzendua. Utrechteko Itunaren (1715) zati bat jasotzen du orriak, besteak beste AEBetako Wilson presidentearen eta eta Ingalaterrako erregearen adierazpen batzuekin batera. Amaieran, " Hurrah for the Entente!", "Glory to Wilson! " eta " Jutice! " agurren aurretik, Utrechteko Ituna aldatzeko eskatzen zien aliatuei. Goian ezkerrean estelada zeukan inprimatuta eta, behean eskuinean, aldiz, AEBetako bandera. Comité Pro Catalunya edo Kataluniaren Aldeko Batzordeak argitaratu zuen Diadan banatutako orria. Banderaren diseinua, aldiz, Vicenç Albert Ballesterrena (1872-1938) zen.  Merkataritza nabigazioan lan egiten zuen eta Unió Nacionalistako militantea zen. Lanak Kubara eraman zuen behin baino gehiagotan XIX. mendearen amaieran eta 1898an, Kubak independentzia lortu zuenean, han zen Ballester. Independentzia prozesu hura eredutzat  hartu nahian, Kubako Errepublikaren bandera berria izan zuen eredu estelada diseinatzerakoan: senyeraren ohiko launa marra gorri-horiei hiruki urdina eta bost puntako izar zuria erantsi zien. Hala ere, lehenengoz duela 100 urte inprimatu eta argitaratu arren, ez dakigu zehazki zenbat urte lehenago egin zuen diseinua. Zenbait iturriren arabera, 1903an sortu omen zuen, Santiago de Cuban. Bada argazki bat 1908an Parisen egindakoa, Lliga Nacionalista Catalanaren egoitzan eta bertan izardun senyera bat ageri da. Baina argazkikoa ez da Ballesterren diseinua: banderaren erdialdean erronbo bat du eta, haren barruan, izarra. Esteladaren ohiko diseinua duen banderarik zaharrena –edo haren zati bat, argazkian ikus daitekeenez– Kataluniako Historia Museoan daukate eta 1915ean dago datatua. Lehen Mundu Gerran borrokatu ziren boluntario katalanek eraman omen zuten frontera. Aipatutako bandera horiek estelada blaua edo urdinak dira; hiruki urdina eta izar zuria dute. Estelada groga edo horiak, aldiz, hiruki horia eta izar gorria du, eta kutsu ezkertiarra. Aurten ere urtemuga biribila betetzen du grogak , 1968an sortu baitzuen Partit Socialista d'Alliberament Nacionalek. Gero PCEk hiruki gorria jarriko zion, sektore ekologistek, hiruki berdea... Baina duela mende bateko Diada hartan banatutako eskuorriak katalanezko bertsioa ere bazuen eta, bitxia bada ere, orri hartan senyera soila jarri zuten, izarrik gabea. Kataluniako Historia Museoaren hitzetan: "Estelada behin behineko bandera zen, independentzia lortu ondoren betiko senyera erabiltzearen aldekoak baitziren sortzaileak".
news
argia-647034e33550
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/gure-sustraiak.html
Guztion beharretara egokitutako Baserri Eskola
Garazi Zabaleta
2018-09-02 00:00:00
Guztion beharretara egokitutako Baserri Eskola Biologia ikasketen amaierako proiektuan baserri eskola sortzeko ideia landu zuen Gure Sustraiak proiektuko kide batek 2002an. Karrera amaitu eta gutxira, lagun batekin elkartu eta paperetik errealitatera salto egitea erabaki zuten: Gure Sustraiak Baserri Eskola proiektuaren lehen urratsak ziren. Geroztik, lekua eta proiektuaren ezaugarriak aldatuta ere, Ollarango (Nafarroa) baserri eskolak bizi-bizi jarraitu du hasierako helburuetako bat zena oinarri hartuta: ingurumenaren eta jasangarritasunaren bueltan lan egitea. Baserria, baratzea eta basoa Hiru gune horiek darabiltzate baserri eskolan ingurumen hezkuntza lantzeko. "Baserrian, adibidez, animaliei jaten ematen diegu eta animaliekin lagunduriko terapia egiten dugu. Baratzean hainbat jarduera egiten ditugu: ureztatzea, landatzea… dena iraunkortasun printzipioekin lan eginez", azaldu digu Leire Rivas Jorge proiektuko gizarte hezitzaileak. Basoan, berriz, naturarekiko errespetua eta ekosistemak lantzen dituzte; gizakiak munduan duen eragina aztertu eta eragin hori positiboa izan dadin zer egin daitekeen hausnartzen dute. Tailer eta formazio saioak ere antolatzen dituzte bertan: ogia egiteko tailerrak, ukendu eta belar tailerrak edota energia berriztagarrien ingurukoak, adibidez. Eta horrez gain, kanpotik etorritako profesionalek hainbat formazio saio eskaintzen dituzte Gure Sustraiaken egoitzan: estimulazio multisentsorialaren edo permakulturaren ingurukoak, esaterako. Familiak eta lagun taldeak asteburu pasa edo bazkaltzera, eskolak kanpaldietara, behar bereziko entitateak astebete pasatzera… profil eta plan anitzek dute tokia Olloko gune honetan. Behar bereziak dituztenentzat egokitutako gunea 2005ean mundu berri batean sartzen hasi ziren proiektuko kideak, erdi kasualitatez. "Uda hartan behar bereziak zituzten hainbat zentrok baserri eskolan egin zituzten oporraldiak". Proiektuaren inflexio puntua izan zela azaldu du gizarte langileak: ingurumen hezkuntza behar berezien mundura zabaldu zuten orduan proiektuko kideek. Egoitza tokiz aldatzea erabaki zuten pertsona guztien irisgarritasuna bermatzeko eta Baserri Eskola edonoren beharretara egokitzeko. 2013tik, gainera, urritasun intelektualak dituzten 12 pertsonentzako pisu funtzionala ere badute baserri eskolako aterpeko bigarren solairuan. "Astelehenetik ostiralera erabiltzen dute, jarduera produktibo eta hezitzaileak egiteko". Ingurumen hezkuntza eta inklusibitatea eskutik doaz Gure Sustraiak Baserri Eskolan.
news
argia-b0c422e25518
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/kirol-apustuak-klubentzat-arnas-askorentzat-zama.html
Kirol apustuak: klubentzat arnas, askorentzat zama
Jon Torner Zabala
2018-09-02 00:00:00
Kirol apustuak: klubentzat arnas, askorentzat zama Gero eta gehiago dira euren kamisetan apustu etxeen logoa paratzen duten kirol taldeak, futbol klubak bereziki, baina ez soilik horiek ("Oxigenoa Bilbao Basketentzat: RetaBet-ek 10 urtez babestuko du kluba", irakurri berri dugu egunkarietan). Gero eta normalagoa da kirol emanaldietan hedabideek tartekatzea apustu egitera gonbidatzen gaituzten iragarkiak. Gure herrietan ikusten badugu lokal bat obratan dagoela, litekeena da joko-areto berria irekitzea bertan. Horri gehitu behar zaio ia guztiok daramagula makina txanpon-jale potentzial bat poltsikoan, telefono mugikorretan kamuflatuta. Behin webgune batean erregistratu eta jokatzen hasita, oso litekeena da ihes egiteko zirrikiturik ez aurkitzea, pantailan jasoko dugun jakinarazpen zaparrada eta balizko sari ederrak medio. Erraza dirudi irabaztea… baina errazagoa da galtzea, bereziki gazteen (mutilen) artean handitzen ari den adikzioak erakusten duenez. Kirol apustuen gorakadak kezkatuta, kontrako jarrera piztu da jendartean. Azpeitian, esaterako, Elkar-ekin taldeak deituta herritarrek elkarretaratzea egin zuten pasa den uztailean (argazkian), irekiko duten apustu etxearen aurrealdean, salatzeko, besteak beste, enpresa horiek "sekulako dirutza" egiten ari direla langileen auzoetan, bere behar ekonomikoak ase nahian jendeak apustura jotzen duelako. Gasteizen, Judimendiko gazte asanbladak Auzoan jokoz kanpo. Joko aretoen hainbat argipen txostena plazaratu du. Aretoetako kontrol neurriak (kamerak), tabernek baino ordutegi zabalagoa izatea, droga kontsumoaren eta istiluen igoera areto inguruetan eta horrek dakarren poliziaren presentzia ("kontrol sozial") gero eta handiagoa, kale hezitzaileen beharra izan duten auzokideak makinetan aritzea… Hamaika adarri heldu diote. Bestalde, Gamonalen (Gaztela eta Leon), herritar talde batek Udalari eskatu dio lizentziarik ez emateko jokoaren sektoreko enpresei, kirol ekitaldi eta espazioetatik haien publizitatea kentzeko, eta hedabideak ez erabiltzeko apustuak eta jokoa sustatzeko, besteren artean. Zentzu horretan, Italiako Gobernuak debekatu egingo ditu apustu etxeen iragarkiak 2019ko urtarriletik aurrera, baita enpresa horiek futbol taldeak babestea ere. Bada zer eztabaidatu.
news
argia-4b128d35dab1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/elsa-dorlin-autodefentsa-ikergai-eta-helburu.html
"Muskuluak uzkurtzen diren uneak adierazten digu egoera ez zaigula justua"
Jenofa Berhokoirigoin
2018-09-02 00:00:00
"Muskuluak uzkurtzen diren uneak adierazten digu egoera ez zaigula justua" Batetik, gorputz defendagarriak eta defendatuak daude eta bestetik, ez-defendagarriak eta menderatzaileek armagabeturikoak. Azken horietan, "muskulua politizatu" eta autodefentsarako urratsa eman dutenei begira jarri da Elsa Dorlin filosofo feminista. Emaitza Se défendre, une philosophie de la violence (defendatzea, bortizkeriaren filosofia bat) liburua dugu. Hastetik buru, Manada kasua aipagai ukan dugu, bete-betean garelako filosofoaren ikerketa esparruan. Bost gizonek burutu talde-bortxaketa jasanezina. Guztia filmaturik, irudiak badira. Bortxatuaren hitzari bizkar eginez, bortxaketa ez dute ikusi epaileek eta sexu erasotzat jo dute, bostak kalean libre utziz. Zer pasa da? Rodney King kasua oroitarazten dit, 1991n modu oso bortitzean poliziak lintxaturiko gizon afro-amerikarraren kasua, filmatua izan zena ere. Auzipeturiko poliziak hobengabetuak izan ziren. Manadako bortxatzaileen auzian gauza bera da. Irudi horiek koadro batean hautemanak dira eta koadro hau ideologia, irudikapen bati loturik da, zeinetan balore nagusiei segi, emakume baten gorputza sexualki gizonen eskura den, bortizki erabili eta bortxatu daitekeen objektu gisa ikusia den. Manadakoen epaiketan erabaki behar ukan dute emakumearen jestuak benetan bortxaketaz defendatzeko ote ziren, benetan ezetza adierazteko ote ziren ala ez ote ziren onespen gisa interpretatzen ahal. Muturreko basakeria sozial eta patriarkal baten keinu dugu hori, benetan. Ezin argiago izan eta alta... Azkenean, guztia da interpretazio. Ez dugu irudi gordinik, beti dugu medium bat eta medium hau ideologia da. Sexismoaren erreprodukzioan parte hartzen duen Estatu baten koadro judizialean kokatzen da Manadakoen epaiketa. Hori horrela, menderatzailearen interpretazioa da beti gailenduko. "Gorputzaren bidez egin behar dugu politika, gorputzari lotu behar gara eta afektuak politizatu behar ditugu, gorputza autodefentsarako arma bilaka dadin" Onarpenari begira jarri dira epaileak. Botere harreman honen intentsitatearen isla da, emakumearen gorputza ez dago erresistentzian hautemana, defentsa ez dute irudikatzen. Bizirautea, gure buruaren salbatzea izaten da bortxaketaren unean daukagun autodefentsa maximoa, ezin dugu bizirik mantentzea baino gehiago egin! Baina, erresistentziaren ikuspegi oso heroikoa dugunez, heroi baten gisa jokatu beharko zuen, gudukatzeko super botereak ukan beharko zituen, eta justuki, hori egin ez duelako du egoera onartu. Alta ez da hori: ez du hori egin, baina horrek ez du erran nahi onartu duenik, autodefentsa forma batean zegoen eta une horretan bizirauteko urgentzian zen. Gorputz beltza bortitz eta mehatxagarritzat duen koadroan dugu Rodney Kingen kasua. Manadakoen kasua, emakumearen gorputza eskuragarri eta bortxagarri duen koadroan. Eskuragarritasun sexualaren kontua oinarrizkoa dugu emakume izatearen definizio normatiboan eta emakumearen pertzepzioan. Gorputza femenino kontsideratua izaten da, sozialki eskuragarri definitua den unetik. Ez du erran nahi emakumeek onartzen dutenik, erran nahi du ez dutela hauturik, haien izate sozialak die hori inposatzen. Horregatik gabiltza erresistentzia feministaren baitan kontra-norma eta aurkako jarreren agerrarazten; justuki, ideia hori uzkailtzeko, eskuragarritasun sexualaren oinarria erabat inposatua, behartua eta botere harreman baten fruitua dela ohartarazteko. Bizirautea, ihes egitea, borrokatzea, hitza askatzea, guztiak dira autodefentsa formak eta ez duzu hierarkiarik egiten. Hierarkizatzen hasten bagara, gizonkeria joera batean gara, zeinetan autodefentsak matxinada heroiko izan behar lukeen. Autodefentsa filosofiatzat daukaten mugimenduei begiratzen badiegu, ohartzen gara 'norbere bizia salbatzea' dela autodefentsari lotu daitekeen definizio bakarra. Norbere bizia salbatzeko taktika anitz badira. Ihes egitea bere burua salbatzea da, nahiz eta hor berriz, gizonkeriak markaturik, beldurti gisa kontsideratua izan. Alta, badakigu historian zehar ihes egitea hil ala biziko autodefentsa praktika izan dela. Ihesean mugarik ez den gisara, bortizkeriaren erabilpenean ere ez da mugarik, batzuetan muturreko bortizkeria salbatzeko bide bakarra delako. Ez dut inolako aburu moralik muturreko bortizkeriaren erabilpenari begira, autodefentsarako, hots, norbere bizia salbatzeko denean. Argazkia: Eva Binard. Se défendre, une philosophie de la violence zure azken liburuan bortizkeria duzu aztergai. Gorputz batzuk daude defendagarri, beste batzuk ez-defendagarri. Historia ofiziala zilegizko defentsaren historia dugu. Norberak bere burua zaintzeko eskubide naturalari lotzen da eta Estatu modernoen baitan, eskubide garrantzitsu hau Estatuaren esku utzia izan da. Estatuek bortizkeriaren zilegizko erabilpena dute, herritarren segurtasuna ziurtatzeko. Kasu urgenteetan, mehatxua berehalakoa baldin bada, orduan herritarrei uzten zaie zilegizko defentsaren eskubidea. Baina, Estatuaren zuzenbidearen historia egiterakoan ohartzen gara osoki herritar sentitzen direnek diotela eskubide hau utzi eta alderantziz, bigarren mailako kontsideratuak ziurtasun gabezian direla, ez dutelako Estatuaren babesik. Are gehiago, Estatuak armagabetu ditu; herritartasunetik at mantentzeak defentsarik gabe mantentzea erran nahi du. Esklaboak armagabetzen dira, emakumeak armagabetzen dira, gutxiengo kulturalak armagabetzen dira, langileriaren armatze praktikak etengabe kontrolatzen dira. Manadaren kasuan, begi-bistakoa da zein alde izan den defendatua. Argiki, bortxatzaileak defendatzen dituen Estatu bat dugu.  Emakumeak desarmatzen dituen Estatu bat dugu, sozializazioaren bidez emakumeei borrokatzen desikasteaz gain, Justiziari begira armagabetzeaz gain, emakume honek ez du inolaz ere defendatzeko molderik. Are gehiago, defendatzeko gelditzen zaion bide bakarra da hori guztia normaltzat hartzea. Emakumeoi hezur-muinetaraino sartu digute ezin garela bortitzak izan eta izanez gero ere ez dugula indarrik. Hala da. Arazoa ez da ez dugula borrokatzen ikasi, arazoa da borrokatzea deseraiki digutela. Gure gorputza deseraiki digute, indartsu garenaren segurtamena eta konfiantza deseraiki digute, eta indar hori ezintasun bihurtu digute. Erran digute ez garela gai eta dena dela, bortizkeria erabiltzeko urratsa emanez gero, ero, histeriko ala munstro gisa zigortuko gaituztela. Indar hori beldurrez ere transformatu digute. Nola egin beldurra erantzun ala errabia bihurtzeko? Beldurra hor da, eta kontua ez da beldurrik ez ukatea edo beldurra tranformatzea. Hain dira izugarriak botere harremanak, non eta arrazoiz dugun beldurra. Benetako galdera ondokoa da: Nola ematen diogu zentzua beldur horri? Beldur hori kodetua izango da iltzatuko gaituen sentimendu gisa, ezinaren eta ahultasunaren seinale gisa, ala alderantziz, gure gorputzaren kontzientzia berpiztu eta zerbait egitearen eta ihesi joatearen beharra sentiaraziko digu? Hori oso inportantea da. Bai, beldurra hor da eta guztia egina da sentimendu horretan fokuratzeko, baina beldurraz gain, beste sentimendu anitz badira. Kontua da, gainbaloratzen dugula beldurra, horretara bideratzen gaituelako botereak: "ez mugi, bestela hilko zaitut, kolpatuko zaitut" errateko beste molde bat da. Errealitatean, beldurraz gain beste emozio anitz daude: diozun errabia, sumindura, injustizia sentimendua, kexua, asaldura... Ez idurian, sentimendu horiek ere hor dira. Gainera, behatzen ditugu zeren harreman sexista, arrazista ala klasista (hiruak elkarlotuak izanki) baten baitako erasoaren ondotik, usu "hori egin beharko nuen...", "zergatik ez diot hori erantzun...", pentsatzen dugu. Erasoa izaterakoan, beldurraz gain errabia ere bazegoenaren isla dugu erru sentimendu hori. Agian, begi bat zulatu ala zango bat hausten ahalko genionaren seinale. Beldur hori landu behar dugu, koadro afektibo guztiari so egin behar diogu. Gorputzaren bidez egin behar dugu politika, gorputzari lotu behar gara eta afektuak politizatu behar ditugu, gorputza autodefentsarako arma bilaka dadin. Muskuluak dioenari arreta eman eta erantzun. Horixe, barneko afektu guztiak entzungo bagenitu, ezin geldituak ginateke! Funtsean, etenik gabeko erasoak ikusirik, ez dut ulertzen nolaz ez dugun dena erretzen eta hausten. Benetan diot. Nobela bat ere sartu duzu autodefentsaren genealogian. Dirty Weekend eta zehazkiago, Bella izeneko protagonista. Kultura feminista erradikalaren baitako nobela da, muturreko bortizkeriaz ari da. Liburu hori landuz, fenomenologia bat landu nahi izan dut, bortizkeriara pasatzeko esperientzia hori aztertu nahi izan dut. Helen Zahaviren kontakizuna interesgarria da, baina nik jakin nahi izan dut nola politikoki eraiki daitekeen gorputza, autodefentsa feministara pasatu ahal izateko. Bortizkeriak trabeskatzen gaitu eta egin daitekeen galdera ez da "bortizkeria al da?" ala "bortizkeria erabili behar ote da?" baizik eta, "zer egiten dugu bortizkeria honekin?". Argazkia: Eva Binard. "Zaintza negatiboa" nozioarekin azaltzen duzu gure gorputza entzun beharrean, menderatzailea entzuten gabiltzala. Heriotzarainoko arriskuan jarriak diren gorputzak, ehizaturiko gorputzak dira, etengabean botere harrapakariari aurre egin behar diotenak. Harrapakin posturan garenean, bizi honen ezaugarrietariko bat da besteekiko neurrigabeko arreta garatzearena, jakiteko zer eginen digun, zer gertatuko zaigun, zer-nolako bortizkeria jasango dugun. Feminismoan, bestearekiko arreta emakumeen egoera sozio-historikoari loturiko elementu bezala kontsideratua da tradizionalki, zeinetan emakumeak zaintzara zuzenduak diren. Hori horrela da eta egia da, baina zaintzan ez dugu hori bakarrik. Senarra ala bikotekidearen zaintza ez da soilik maitasun-enpatia forma bat. Bikote bortizkeria denean, zaintza hori hor dago bikotekidearen jarrera bortitza hor delako. Joko duelako, beharbada heriotzaraino, afaria hotza delako, nekatua delako edota espero duena ez duelako jaso. Ukaldiak eta bortizkeria saihestu nahian, hain naiz menderatzailearekiko arretatsu, non eta nire beharretatik, nire sentimenduetatik, nire mundutik erabat deskonektatzen naizen. Horrek bestearen bortizkeriaren justifikazio zerrenda luzea dakar. Lanjerraren ezagutza eta kontzientzia norberaren axolari artikulatzea funtsezkoa da. Hori ez bada egiten, justifikazioan eta ukapenean gara, zaintza negatiboan. Ez ote da autodefentsa forma bat? Noski. Baina autodefentsa ez da bakarrik defentsak ezartzea, norberak bere bizia salbatzea ere bada. Ukapenak edota amore emateak, defentsa psikikoak dira, egoera gehiegizkoa delako eta egunez egun biziraun behar delako. Hori defentsa da. Autodefentsan "auto" gehitzen zaio, hots, bere burua zentroan ematea. Ez indibidualismo modu batean, baizik eta norberaren politizazio forma batean. "Ez da gaiztoa izan, ez du ezer txarrik egin" erratetik "hau ez da ligatzea, hau nahi gabe barruratzen zait, min egiten dit, ezin dut gehiago, ezinezkoa zait" erratera pasatzerakoan, hor sartzen gara autodefentsan. "Bizirautea, gure buruaren salbatzea izaten da bortxaketaren unean daukagun autodefentsa maximoa" Bidea egin behar da eta luzea izan daiteke. Badirudi kontzientzia feministarik gabe ez dela kausitzen bide hori. Gorputzetik pasatzen da, gorputzak erraten dizu ez dela normala. Ikaran zara, eskuak izerditsu dituzu. Zure gorputzari berriz konektatzen bazara, gorputz bazara, gorputzak erraten dizu ez dela normala. Kalean zarela, "puta" ala "polita" erraten badizute, uzkurtze muskularrak ukanen dituzu, deseroso sentituko zara, sentipen meta batek adieraziko dizu ez dela normala. Erraten dudana da hori guztia politizatzeko beharra dugula. Ez dugu baitezpada kontzientzia feminista behar, ez dugu ordu luzez kontu batzuei buruz hausnartu behar. Hori oso ongi da, baina, azkenean, ez da nahikoa. Nire ustez, muskulua politizatzeko beharra dago, muskuluak uzkurtzen diren uneak adierazten digu egoera ez zaigula justua; une hori politikoa da eta horri lotu behar gara. Erantzun kolektiboa eman zaio Manadakoari, autodefentsa feministara deituz. Aipatzen duzun "elkartasun politika" adibide nabarmena. Elkartasuna gorputzen elkartasunetik pasatzen da; nire feminismoa hau da, autodefentsa feministarena. Oinarriak anarko-feminismoan, anarkismoan, erradikaltasunean kausitzen dira. Beti praktikatu izan dugu autodefentsa, bortizkeria politizatuz eta noski, kontzientziazio feministatik pasaz. Kontzientziazio feminista ez da soilik hitzetatik iragaten, elkarrekin trebatuz, gorputzetik, errabia politizatuz, errabia hitzez edo gorputzez adieraziz, horrela ere bideratzen da kontzientzia feminista. Botere harremanei doakionez krisi egoera batean gara eta benetan uste dut beste estrategia politikoen (Estatuaren esku utzi, hitz egin, salatu, aldarrikatu...) mugak begi-bistan ditugula. Patriarkatua bukatzeko, elkarrekin gorpuztu eta autodefentsa feminista lau haizetara hedatu behar dugu.
news
argia-9e3e24fb456c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/maritxu-urreta-zulaika-1915-2018.html
Irakastea baino ikastea nahiago zuen bizizalea
Onintza Irureta Azkune
2018-09-02 00:00:00
Irakastea baino ikastea nahiago zuen bizizalea Donostiarra 102 urterekin hil zen abuztuaren 13an. Bizitza luzea eta betea izan zuen. Etxean arnastu zuenak arrasto handia utzi zuen emakume biziarengan eta ez zen kasualidadez izan argazkilari, ilustratzaile, mendigoizale eta itzultzaile. Emakume askok bezala, Urretak ere ez zuen uste inorentzako garrantzia izan zezakeen bizitza eduki zuenik. Nerea Azurmendik aditzera eman zuenez, tiraka xamar ibili behar izan zuen 2005eko neguan Bidegileak liburu sortarako haren bizitza konta ziezaion: "Maritxu Urreta Zulaika donostiarrak ez du ondo ulertzen zer dela eta izan dezaketen inolako interesik bere bizipenek. Ez zaio batere gustatzen bere buruaz hitz egitea (...) Bidegilea bera? Ez du horrelakorik uste. Bere bidea egin du, ez besterik". Hogeitaka orrialde dituen Maritxu Urreta 1905 liburuxkan (interneten osorik dago) argi geratzen da ez zela izan XX. mende hasierako ohiko emakumea. Haren zaletasunak gauzatzen emandako pausoak ez ziren mende hasieran edozein emakumek emandakoak. Sei hizkuntzaren jabe, eta euskara itzultzaile Ikasle ona izan behar zuen Urretak, batez ere hizkuntzak ikastea zuen gustuko. 16-17 urte arte Donostiako San Bartolome ikastetxean aritu zen eta han hasi zen frantsesa eta ingelesa ikasten. Garai hartan gutxi bezala 19 urterekin Ingalaterrara joan zen ingelesa hobetzera. Ondoren italiera eta alemana ikasteari ekin zion, jatorrizko hizkuntzan idatzitako liburuak irakurri nahi baitzituen. Hala, gazte zela sei hizkuntza hitz egiteko gai zen, aipatu ditugun lauez gain euskaraz eta gaztelaniaz egiten zuen. Euskara etxetik jasoa zuen, ahoz ederki moldatuko zen, beste kontu bat da ordea idaztea. Garai hartan euskaraz alfabetatutako asko ez zen izango. Urretak ordea, gurasoengandik hizkuntzaz gain hizkuntzarekiko maitasuna jaso zuen eta argi zeukan idazten ikasi nahi zuela. Maria Dolores Agirreri buruz hitz egin zioten halako batean, Donostian euskara eskolak ematen zituen idazle eta maistraz. Harekin ikasi zuen idazten, batzuetan ikaskideak zituela eta beste batzuetan bakarrik. Maritxu Urreta 1905 ( Bidegileak ) liburuxkaren egileari, Nerea Azurmendiri, 2005 hartan aitortu zion Agirreren euskara maite zuela, trakeskeriarik, erdarakadarik eta mordoilokeriarik gabea. Urreta Donostian hil zen 2018ko abuztuaren 13an 102 urterekin. Argazkia: Bidegileak / Urreta familia Ikasitakoari zukua atera zion. 1960an adiskide zuen Luis Muñoyerroren lan bat euskaratu zuen, Lartaun eguzki-semea (Kuliska Sorta, Zarauzko Itxaropena argitaletxea). Hurrengo itzuli zuen liburua ere Muñoyerro lagunarena izan zen, eta orduan Maria Dolores Agirre irakaslearekin batera egin zuen. En la luna también se habla vascuence zuen izenburua zientzia fikzioko liburuak eta  euskarazko bertsioa ( Illargian ere euskeraz ) gaztelaniazkoarekin batera argitaratu zuten. Ilustrazioak Urretak berak eginak izan ziren. 1976. urtean Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko aldizkariko editorialak euskaratzen hasi zen. 1997. urtean EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko itzultzaile izendapena eman zion eta konpromisoa hartu zuen Urretaren eta harekin batera izendatu zituen beste zazpien itzulpen zatiak bilduko zituela liburu batean. Bada, Urretak Itzulpen Antologiarako propio egin zuen itzulpena. 82 urteak beteta zituela Alice Duer Miller (1874-1942) idazle estatubatuarraren The White Cliffs poema luzea ekarri zuen ingelesetik euskarara. Itsas-malda zuriak jarri zion izenburu.   Gurasoen eragina Aita, Mikel Urreta. Maritxu Urretak jakin-min handia erakutsi zuen txikitatik eta gurasoek hainbat zaletasun garatzeko grina horretan zeresan handia izan zuten, batik bat aitak. Urnietan jaioa, 1913an Donostiako Udaleko zinegotzi izan zen eta 1915ean Gipuzkoako diputatu. Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari izan zen. Besteak beste, politikaz, euskalgintzaz eta nekazaritzaz hitzaldiak ematen zituen euskaraz. Euskaltzalea zen eta hainbat modutara saiatu zen euskara bultzatzen. Eusko-Esnalea elkarteko kide zen eta Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren sorrera ekarriko zuen 1918ko Oñatiko biltzarrean esku-hartze zuzena izan zuen. Euskaltzaleak kultur elkarteko buru izan zen. Ama, Maria Zulaika. Urretaren amak eta amonak ere San Bartolome ikastetxean ikasi zuten. Maria Zulaika, senarra moduan, ekintzailea izan zen bizitza guztian. Gipuzkoako "Emakumeen" buru izan zen eta Donostiako kaiko arrantzaleen emazteekin aritu zen lanean. Maria Zulaikak bederatzi anaia zituen, horien artean Jose Gonzalo, gero Aita Donostia izango zena. n
news
argia-2f6e9fa7497f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/egitasmo-bat-arren.html
Egitasmo bat, arren
Karmelo Landa
2018-09-02 00:00:00
Egitasmo bat, arren Euskal herritarron nortasun kolektiboa gaur interrogazio zeinu bat da. Aniztasuna azpimarratu izaten dute statu quo horren defendatzaileek, oraingo epeltasunean eroso sentitzen direnek. Umorerik ez duen broma txar bat iruditzen zait hori. Ze ispilutan begiratu behar dugu euskaldunok geure burua ikusi eta ezagutzeko? Demokrazia plantak egiten dituzten sistema politiko inposatzaile eta asimilatzaileen mende bizi gara, eta noraezean baino gehiago, kontrako norabidean goazen sentsazioa dugu sarritan. Ez gara gure buruaren jabe, eta gainera ez dugu ikusten, goazen bide horretatik, inoiz hori lortzeko modurik. "Gure esku dago", esaten diogu elkarri, baina ez dago, gaur gaurkoz, hori sinesteko modurik. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, baina zer erabaki daitekeen eta zeren inguruan egin dezakegun hautua ere ez dakigu. Euskal Herriak egitasmo kolektiboa behar du, nazio-antolaketa demokratikoa burutzeko plangintza zehatz, argi eta egingarria. Ez da berez sortuko, ez da oraingo sistema politikoaren joko libretik sortuko, hain zuzen ere joko hori ez delako batere librea. Demokraziaren eta aniztasunaren ilusioaren azpitik, une honetako eremu politiko-instituzionalak egundoko kateak eta loturak ditu statu quo horrekiko. Ez da berez hori hausteko gauza, ez da norabidea erabat aldatzeko gai.   Nondik eta nola egin, orduan, euskal herritarrok behar dugun mugimendu garrantzitsu hori? Nola finkatu norabide berriaren iparra, nola lortu Euskal Herrian nazio demokratiko burujabea antolatzeko behar ditugun arkitektura eta baliabide egokiak?   Euskal Herria nazio demokratiko moduan antolatzea helburutzat hartzen duen egitasmo kolektiboa zehaztu behar dugu. Hau ez da berez sortuko gaur egun Iruñean, Gasteizen edo Baionako parlamentu eta foroetan lanean diharduten alderdi politiko, instituzio edo erakundeetatik, horien guztien egitekoa indarrean dauden sistema politikoen mugetara eta egunerokotasuneko akordio taktikoetara lotuegi dagoelako Euskal Herria nazio demokratiko moduan antolatzea helburutzat hartzen duen egitasmo kolektiboa  zehaztu behar dugu. Hau ez da berez sortuko gaur egun Iruñean, Gasteizen edo Baionako parlamentu eta foroetan lanean diharduten alderdi politiko, instituzio edo erakundeetatik, horien guztien egitekoa indarrean dauden sistema politikoen mugetara eta egunerokotasuneko akordio taktikoetara lotuegi dagoelako. Dimentsio estrategikoa duen egitasmoa behar dugu Euskal Herrian, eta horretarako orain indarrean dauden sistema politiko-instituzionalen muga eta lotura guztien gainetik begiratzeko ahalmena behar da. Euskal Herria ezkerretik eraiki? Eskuinetik eraiki? Ez da egitasmo kolektibo hori alderdi batek edo besteak, ezkerreko indarrek edo eskuinekoek, klase sozial batek edo besteak bere kabuz soilik defini dezakeen zerbait.  Gauza jakina da, edozein herritan bezala Euskal Herrian ere klase sozialen arteko gatazkak, edota genero, hizkuntza, adin edota beste hainbat desberdintasunen arteko lehiak bizirik eta maiz gori-gorian dirautela. Euskal Herrian nazio demokratikoa antolatzeak ekarri behar duena, hain zuzen ere, kondizio eta baldintza desberdin horiek guztiak, lehenik aintzat hartu eta ondoren modu demokratiko eta baikorrean konpontzeko antolaketa kolektibo adostua delako. A priori bakarra jar daiteke, beharbada, egitasmo hori abiatzerako orduan, jarrera politiko ideologikoa ez dena, konstatazio hutsa dena: Euskal Herria badela, herria dela, eta horregatik, hain zuzen ere, herri honek bere buruari nazio antolaketa demokratikoa emateko bere baitako eskubidea duela, eta horretarako gaitasuna berezkoa duela. Gauzak horrela, eta  egitasmo hori ezinbestekoa dugunez, norbaitek lan horretara deitu beharko gaitu, era, klase eta kondizio guztietako euskaldunok, Euskal Herria nazio demokratiko gisa pentsatu, diseinatu eta ondoren gauzatzera. Gure esku, guztion ereduz, guztion erabakiz.
news
argia-79406b09cd53
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/bertsoz-iraintzeagatik-txirrita-kondenatu-zutenekoa.html
Bertsoz "iraintzeagatik" Txirrita kondenatu zutenekoa
Estitxu Eizagirre
2018-09-02 00:00:00
Bertsoz "iraintzeagatik" Txirrita kondenatu zutenekoa Legasako alkate ohiari buruz 1913an enkarguz jarritako bertsoengatik kondenatu zuten bertsolaria 1916an Iruñeko auzitegian. Mikel Taberna idazleak Bertsolari aldizkariaren 110. zenbakian argitaratu duen ikerketa lanean kontatu du guztia xeheki, eta penaz adierazi du iturri guztietara jo arren ez duela bertso sorta aurkitu. Auzitegiko epaian, gaztelaniaz jasota dago bertso sorta horren itzulpena. 1916ko urriaren 31ko "Diario de Navarra" egunkariak ekarri zuen epaiketaren kronika. 1916ko urriaren 31ko Diario de Navarra egunkariak ekarri zuen, hirugarren orrian, auzitegiko bezperako saioaren kronika, EME sinadurapean. Bertan azaltzen zenez, Tomas Alcainek 40 pezetaren truke eskatuta, Txirritak bertsoak jarri zituen Legasako alkate ohi Eusebio Babazeri buruz. Bertso-paper hauek 10 (pezetaren) zentimoan saldu ziren Doneztebeko jaietan, kalean zalaparta handia sortuz: "La algazara pública revistió caracteres de desorden y tuvo que intervenir una pareja de la guardia civil" . Babazek, sumindurik, salaketa jarri zuen bertsolariaren eta enkargua eman zuenaren aurka. Azaroaren 10ean ekarriko zuen sententzia egunkari berak: kondenatu egin zituzten biak. Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama eta 14 orrialde "idor" dira, makinaz idatzirik. Epaiak zehazten du Tomas Alcainek urte horretan 60 urte zituela, eta sortzez iruindarra izanagatik Legasan bizi zela. Jose Manuel Lujanbio Txirritak berriz, 55 urte zituen garai horretan, eta Hernanin jaiotako bertsolaria Errenterian bizi zen ordurako. Jatorrizko bertso sorta sumarioko zazpigarren folioari josia dagoela dio epaiak, baina tamalez Mikel Tabernak ez du inon aurkitu. Baina bai ageri da bertso hauen mamia gaztelerara itzulita. Mikel Tabernak Txirritaren funtsa arakatu du eta zera adierazi du: "Bertso hauek ez dira hain larriak. Txirritak emakumeen aurka eta defendatzeko aukerarik ez zutenen aurka askoz gordinagoak jarriak bazituen, enkarguz. Alkateak bertso hauengatik auzitegietara jotzea... agian beste elementuren batzuek izango zuten bere pisua: Alcaine eta bien estatusaren artean zegoen aldea, herritar xeheek beraz irri egitea ezin eramana...". Martín Perillán, Julio Lassala eta Bruno González epaileek argudio hauek idatzi zituzten Alcaine eta Txirrita errudun jotzeko: alkatearenganako mespretxuz idatzi zirela bertso bidez kontatzen ziren gertaerak, eta gainera espres idatzi zirela eskualde hartan nagusi zen hizkuntzan ( "haberse redactado, de propósito, en la lengua dominante en el pais donde se publicó; en versos populares…" ). Zirkunstantzia horiek garbi uzten omen zuten zein zen egileen asmoa: auzi-jartzailea mendratzea eta fama txarra ematea. Alcaine eta Txirrita, biak berdin jo zituen epaileak irainengatik ( "delito de injurias graves por escrito y con publicidad" ) errudun: Alcaine, bertsolariari kontu iraingarriak jakinarazteagatik eta Txirrita, min emateko moduan papereratzeagatik ( "revistió dichos conceptos de la forma ritmica e incisiva o mortificante" ). Zigor ekonomikoa eta intsumisioa Hauxe zen jarri zieten zigorra: hiru urte, sei hilabete eta hogeita bat eguneko deserriratzea, Legasatik 25 kilometrora, gutxienez. 250na pezetako isuna; eta prozesuko kostuaren erdia erdibana ordaintzea, alegia, gastu horien laurdena bakoitzak. Alcainek errekurtsoa jarri zuen Madrilgo Auzitegi Gorenean, baina ez zuten aintzat hartu. Ordea, 1918ko maiatzaren 21eko autoan Mariano Zirikiain Gea instrukzio epaileak ebatzi zuen bi akusatuak kaudimen gabeak zirela, alegia, ezarritako isuna ordaintzeko adina dirurik ez zutela. Izan ere, Hernaniko Udalari Txirritaren ondasunetatik 2.000 pezeta enbargatzeko eskaera egina zion, eta hau da udaletik jaso zuen erantzuna: Juan Mendizabal Otaegi udaletxeko idazkariak idatziz adierazi zuen herriko ondarea azertuta ez zela ezer ageri Jose Manuel Lujanbioren izenean. Eta bi herritarren ahozko lekukotza ere jasotzen du Hernaniko Udalaren dokumentazioak: Ramon Arbelaitz Zapiain eta Julian Alzelai Elortzak adierazi zuten "pertsonalki" ezagutzen zutela Txirrita, baina ez ziotela ondasunik ezagutzen. Isunaren ordainetan, epaileak Legasatik deserriratze zigorra handitu zien bi kondenatuei. Ordura arte Txirrita ez zutela aurkitu ere adierazten du, beraz, ezin izan zioten sos bakar bat kendu bertsolariari. Bertso berriak gertaera zahar bati jarriak Zergatik jo zuen Alcainek Txirritarengana, bertsoak jartzeko eskatuz? 1913ko abuztuaren 3 gauean hasi zen guztia. Eusebio Babaze, orduan Legasako alkateak, eztanda entzun zuen bere etxe aurrean, eta biharamunean, Sunbillako Guardia Zibilen kuartelean salaketa jarri zuenean, hiru herrikide salatu zituen, dinamita haiek zartarazi zutelakoan: Tomas Alcaine, Pedro Hualde eta Frantzisko Mendiola. Hiru hauek haserre ziren berarekin, aste pare bat lehenago isuna jarri zielako hirurei: bosna pezetako multa biraoak esateagatik, bost pezeta gehiago Hualderi alkateari desobeditzeagatik eta pezeta bat gehiago Alcaineri herriko ordenantzak ez betetzeagatik. Iruñean egin zen auzian hiru auzipetuek ukatu egin zuten leherketa haiek egin zutenik, eta epaileak kasua itxi zuen epaiketarik egin gabe, ez zegoelako hiru haiek izan zirenaren frogarik. Tomas Alcainek Txirritarengana jo zuen, eta gertaera haiei buruzko bertsoak jarraraziz itzuli zion alkateari Guardia Zibilen aurrean bera salatu izana. Bertso sorta honek epaitegira eramango zuen Alcaine Txirritarekin batera; eta dinamitak baino zigor handiagoa ekarriko zion bertsozko "irainak" epaileengandik.   HISTORIAN PISUA IZANGO ZUTEN HIRU ABOKATU Gabriel Iziz Bueno. Txirritaren abokatua: Gabriel Iziz Bueno Oibarren jaioa 1889an, abokatu bidean lehen urratsak ematen ari zen. Gerora ospea hartuko zuen baliabide ekonomiko gutxiko herritarrak defendatzen zituelako: bere gain hartzen zituen beste abokatuek nahi ez zituztenak. Langile jendeari zuzendutako eskola eta hitzaldiak ere eman zituen. Faxistek hil zuten 1936ko uztailaren 31n: Erreniega mendiko hobi komunean aurkitu zuten bere gorpua. Bere aita Oibarko alkatea zen, Izquierda Republicana alderdiko kidea, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeak hartzen zituen Lizarrako Estatutuaren alde sinatu zuen, herri ordezkari gisa. Bera ere semea erahil eta hilabete pare batera hil zuten faxistek. Gabriel Iziz Bueno oroitzeko lurreko plaka Iruñeko Kale Nagusian dago, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak jarria. Blog honek kontatzen du fusilatu hauen omenez haien ondorengoek garagarra kalean zergatik jarri zuten. Hemen Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Fondoko bere fitxa .   Tomas Alcainen abokatua: Fernando Arbizu Aguado Txirritarekin batera akusatuen aulkian eseri behar zuenak abokatu iruindarra hautatu zuen: Fernando Arbizu Aguado . Honek ere ez zuen eskarmentu handirik artean ofizioan. Baina legelari famatu izango zen gerora, Espainiako Kode Zibilaren foru eranskina idatzi zuena izan baitzen. Bere aita eta anaia Iruñeko alkate izatera iritsi ziren.   Manuel Arantzadi Iruxo. Legasako alkate ohiaren abokatua: Manuel Arantzadi Iruxo Eusebio Babazek epailearen aurrera eraman zituen Txirrita bertsolaria eta bertsoak ordaindu zituen Tomas Alcaine, bere ondraren aurkako bertsoak zabaltzeagatik zigortu zitzaten. Salaketa epaiketan aurrera eramateko kontratatu zuen Manuel Arantzadi Iruxo , Lizarrako abokatua eta politikari jeltzalea ere bazena: bi aldiz Madrilgo Gorteetan diputatu izango zen (1918an eta 1923an) eta EAJko Napar Buru Batzarreko kide aktiboa. 1918an Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetakoa izan zen eta 1923an La Voz de Navarra egunkariaren sortzaileetakoa. Euskal Estatutua prestatzeko lanetan aritu zen. Espainiako Bigarren Errepublika garaian, antierrepublikarra zen Koalizio Katoliko Foruzalean sartu zen. 1936ko uztaileko estatu kolpean, Nafarroako EAJren izenean, matxinoen aldeko komunikatua plazaratu zuen. Unai Iturriagak "Bertsolari" aldizkarian argitaratutako irudia. Kondenatutako Txirritari ongi-etorria egiteko egitaraua eta afixa irudikatu ditu, Txirritak lurraldea aipatzeko hainbestetan erabilitako "Kantabriako partian" hitzak festa bihurtuz. "DELITUZKO" 14 BERTSOEK ZER ZIOTEN, BADA? Iruñeko Lurralde Entzutegiko 205 liburuan aurkitu du Mikel Tabernak Txirrita kondenatu zuen epaia: 1916ko azaroaren 6ko data darama. Tamalez, jatorrizko bertsoak, euskarazkoak, ez ditu inon aurkitu Tabernak. Horrela adierazi digu: "Iruñeko Udal Artxiboa, Nafarroako Artxibo Nagusia, Espainiako Auzitegi Gorena, Guardia Zibilen Artxibo Historikoa, egunkariak, inplikatutako familien funtsak... horietan galdetu dut eta denean froga nagusia falta da! Oso bitxia da. Eta herrian ere ez aztarnarik gelditzea! Jarraituko dut herritarren artean galdezka. Badut esperantza agertuko direna". Baina epaian bai ageri da hauen edukia, gaztelerara itzulita. Itzuli ezinezko "irainak" 1916ko urriaren 31ko Diario de Navarra egunkariko kronikaren arabera, Joxe Agerre Santesteban iruindarrak egin zuen Txirritaren bertsoen itzulpenetako bat gaztelerara; eta Berako Jenaro Larratxe Agirrek egin zuen beste itzulpena. Biek itzulpen "erabat desberdinak" egin omen zituzten, kronikalariaren hitzetan. Itzultzaileek adierazi zuten ezinezkoa zela literalki itzultzea ( "el vascuence es de una estructura totalmente distinta de la del castellano, tanto que no es posible hacer una traducción literal" ). Baina Txirrita (bertsoak egiteagatik) eta Tomas Alcaineren (bertsoak enkargatzeagatik) aurkako salaketa jarri zuen Legasako alkate ohi Eusebio Babazeren abokatuak ontzat eman zituen bi itzulpenak, funtsean berdintsuak zirela esanaz. Txirritaren abokatuak, aldiz, horixe izan zuen argudio: nola ondorioztatu zitekeen hitz haietan deus txarrik zenik, eginiko bi itzulpenak hain desberdinak izanik? Epaileak ere bi itzulpenak mamiz berak zirela ebatzi zuen. Epaiak erdarazko bertsio bakarra jaso du, eta ez du zehazten bertsio hau Larratxe edo Agerre, nork itzulia den. Joxe Agerre Santesteban idazle, kazetari eta politikariak bertsoak itzultzeaz gain, epaiketan ere itzultzaile lanak egin zituen bi akusatuen (Txirrita eta Tomas Alcaine) eta legelarien artean. BERTSO BERRIAK MIREN IBARLUZEAK ITZULIAK Bertsolari aldizkarian Miren Ibarluzea bertsolari eta itzultzaileak ekarri ditu berriz ere euskarara Txirrita epaitegira eraman zuten 14 bertso hauek (behean irakurgai). Aipagarria da Ibarluzeak bertsoz egin duela gaztelerako edukiaren itzulpena, neurtuta eta errimatuta.     1 Mila bederatziehun eta hamalaugarren urtean kasu bitxi bat gertatu zaigu legasatarren artean. Eta aurkitu garenerako muturraren muturrean, zer gaude ba pazientzia dosi handi baten beharrean!     2 Egun Legasan bada urroztar bat, Eusebio du izena. Galoirik gabe dago gaixoa, lehen jefea izan zena. Ondo sufrituaren traza du, ez baita oso gizena. Hitz batez da gizon bat nirekin lehendik sapan dabilena.     3 Aldiz nik ez dut pausorik eman ez dena endredatzeko. Konfiantzazko etxea nuen baita gutunak leitzeko. Baina behin pezeta kendu zidan gizonak multa ordaintzeko, ta intentziorik ere ez du egin inori entregatzeko.     4 Hau ona! Arrazoia zanpatu eta nahigabetu ordez, gizona harrotuta jartzen da gurekin kopeta beltzez. Han agertzen da bizkitartean multak beretzako gordez. Beste askorekin egin bazuen, gurearekin nola ez!     5 Notario-fiskal ustekoa! Etsai laguntzat nuena! Multak kobratu beharrez presak hartuta ibiltzen zena indarka bota dugu udaletik eta itzuli du dena. Guk uste dugu horixe dela bukatzeko bide onena.     6 Ez nuen egundo pentsatuko hala gertatuko zenik. Baina hala jarduten hasita bada diferentziarik. Errugabeak zigortuz pozten zenak gu ere iraindu nahirik, anuntzio bat jarri ez zuen ba arrotz ginela esanik!    7 Berrogeita hamar urte luze da bizi garela Legasan, jakina denez aspaldidanik itzal egiteko trazan. Errezu Jaungoikoak zenbaiten migi gaiztotik gorde gaitzan! Hitz faltsuz kargatu baikaituzte Kristorekin egin gisan.     8 Dinamita jarri ziotela esan eta esan berak. Ta ondorioz frijitu gaitu ospe txar eta galerak. Baina fastidio handiena hari sortu dio aferak, ezen ordaindu behar izan ditu hondatutako platerak.     9 Guardia Zibilak deklaratzera deitu gintuen lehenbizi, ta gure ibilera denen berri jakiteko azaltzen hasi. Baina azkenerako norbaitek zuen han jakinarazi haren ustetan ez genuela guk kastigurik merezi.     10 Guardia Zibilek Sala del Vallen juez aurrera entregatu gintuztenean Etxandi jaunak, hitza hartuta, aurkeztu zuen konpetentziaren faltan nahi zela desenkusatu, eta afera Iruñaldean behar zutela aztertu.     11 Iruñera bidali gintuen juezak dena ikusita, han erabaki zezaten auzi hau ulertu ta ikasita. Han dena izan genuen aldeko, beldurrak kanpo utzita. Gizona, nahastetan zertan sartu kalte guztiok bizita?    12 Estimatzen da adiskide batek karta batez esatean hari deitzeko geldiaraziz gero Iruñea partean. Bere influentzien indarrak erabilita tartean, libre jarriko gintuzkeela egun erdiko epean.    13 Berandutu zitzaigunez gero hura joana zen handik. Ezin egundo ondo ibili okerreko bidetatik! Hango juezak ezin esan edan zuela gure poltsatik, dena atera baitzen dagokigun gizonaren azaletik.     14 Espero gisa gure lanera itzuli gara sikira! Gizonak zenbat galdu ote duen jendearen ikusmira! Jarri gaitezen kasu honetan gertatuari begira: gure Tomas, Pedro eta Frantzisko orain deskantsatu dira. Itzulpenaren berritzulpena
news
argia-f7fcebe8f26b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/borroka-da-bidea.html
Borroka da bidea
Itziar Bardaji Goikoetxea
2018-09-02 00:00:00
Borroka da bidea Gutxitan –edo inoiz ez– bizi izan dut horrelakorik. Kapitalismoari aurkariak, erlazioak eraldatu nahi dituztenak, iraultza ezinezkotzat jotzen ez duen gutxiengoa, legez kanpoko dantzariak, garaipen txiki eta handi bat ospatzen. Une batzuk lehenago lo falta islatzen zuten aurpegietan, neke guztiak ahazturik, irribarre sakonak eta malko batzuk ere bai. Beren buruei tipo gogorraren irudia inposatzen dietenak ere besarkada hunkitu eta alaietan murgildurik. Ospakizuna auzokideekin batera. Iruñeko Maravillas Gaztetxearen garaipena, behin-behinekoa izan daiteken arren, garaipen. Noski, Nafarroako Gobernuan batzuk ala besteak egoteak eragina izan du. Noski, indarrez, abuztuan eta epaiketa baino lehen eginiko desalojoak zauritu gutxiago utzi ditu aurretiko gobernuen formekin alderatuz. Noski, aldaketaren indarrek ez dute instituziotik gaztetxe hau ez martxan jarri, ez babestu. Ezinezkoa baita. Borondateak borondate, ez da borondate kontua. Rozalejo Jauregia okupazio bidez bihurtu zen Gaztetxe: askegune. Eta eskuinak eraso, Maravillas Gaztetxearen defentsa kalean eman zen, bai kordoi polizialean, bai gaztetxe barruan. Hau gabe ezin da Gobernuaren atzera pausoa ulertu. Bake arraroaren denbora hauetan ere, borroka da bidea.
news
argia-08d959077d6d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/armagintzaren-negozioa.html
Armagintzaren negozioa
Juan Mari Arregi
2018-09-02 00:00:00
Armagintzaren negozioa Azken asteotan hipokrisia politiko handi batekin egin dugu topo: kaleko saltzaile migratzaileak (manteroak) salatu eta aldi berean armagintzaren negozioa isilpean gorde, nahiz eta negozio horren ondorioz Yemenen kontra Saudi Arabiak eta beste herrialde batzuek daramaten gerra sekretuan makina bat haur hil dituzten. Espainiako Estatuan, Ciudadanosek eta PPk gogor egin dute manteroen kontra. Eta hauek eguraldi txarraren, poliziaren eta politikari arrazisten kontra egin behar dute behin eta berriz. Politikari zenbaitek jarrera faxista eta xenofoboz manteroak xaxatzen zituzten bitartean, Saudi Arabiak –Yemenen kontrako eraso militarraren sustatzaile nagusia eta gizateriaren kontrako krimenetan espezializaturik dagoena– eskolara zihoazen autobusak bonbardatu zituen eta 43 haur hil. Bonba horiek Espainiako Estatuaren armagintza negozioaren parte dira, eta euskal enpresak ere hor daude. Negozioa ondu da monarkia espainiarrak xeke arabiarrekin duen harreman estuari esker. 2012-2016 urteen artean Espainiak Saudi Arabiari armak saldu zizkion 1.400 milioi eurotan. 2017an beste 361 milioi izan ziren, aurreko urtean baino %133 gehiago: hegazkin militarra, granadak eta artileria-munizioa. Non daude eskuineko alderdi faxista eta xenofoboak? Non gainerako espektro politikoa, euskal eta espainiar ezkerrak barne? Isilik daude halako egoeren aurrean. Non dira Espainiako Estatuko intelektualak? Non Euskal Herrikoak? Prentsan, irratian eta telebistan... Euskal tertuliakideek ere aspertzen gaituzte –Tasio, Fitero eta beste bakarren bat kenduta– Casadoren edo Espainiako presidentearen emaztearen aferekin. Uda izatea ez da aitzakia, armen negozio hiltzailearekiko mantentzen ari diren isiltasun konplizea justifikatzeko.
news
argia-f4491451e036
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/maravillas-gaztetxe-bat-hauteskundeen-zurrunbiloan.html
Maravillas, gaztetxe bat hauteskundeen zurrunbiloan
Xabier Letona
2018-09-02 00:00:00
Maravillas, gaztetxe bat hauteskundeen zurrunbiloan Maravillas gaztetxea hustea pentsatutakoa baino arazo gehiago ekartzen ari da Nafarroako politikara. Gisa honetako hamaika auzi ikusi ditugu azken hamarkadetan han-hemenka, baina hemen arazoak aldaketaren alderdien arteko harremanak biziki estutu ditu. Dagoeneko denak dira datorren maiatzeko foru eta udal hauteskundeei begira. Iruñea, abuztuak 17, 05:00ak dira. Ordu txikietan hasi da Foru Polizia Maravillas gaztetxean iragarritako hustuketarekin, Nabarreria Plazan. Txirrin dantza ere berehala hasi da Alde Zaharreko atarietan, sare sozialak ere sutan dira laster eta auzokoen lapiko soinua ere ozen entzuten da balkoietan. Auzo bateko gaztetxe baten auzia hauteskundeekin gurutzatu da eta emaitzak latzak izan daitezke aldaketaren alderdientzat. Goizeko 10ak pasatxo ziren Foru Poliziak azken gazteak atera zituenean eta 14:00ak pasa Nabarreria plazatik alde egin zuenean, Gaztetxea itxita eta zigilatuta utzi ondoren. Jakin gabe ere, ordea, ez dirudi dena pentsatu bezain itxia utzi zutenik, gerora ikusiko zen bezala. Goizean zehar, herritarren protestak eta poliziaren oldarraldiak izan ziren. Tentsioa, haserrea, kolpeak, zaurituak, bala galduak lurrean… Atxiloturik ez, ordea. UPNren garaian bezala itxi zen Maravillas gaztetxea, baina maila txikiagoko errepresioa erakutsi nahi izan zuen foru gobernuak, desberdintasunak badirela agertu nahian. Ordu txikietan hasi zen kanporatzea. (Arg.: @saioaalkaiza) Irudi asko utzi zituen goizak, baina bat berezia izan zen, besteak beste, gaztetxeak entzun behar izan duelako memoria historikoa bere alde erabiltzen ari dela. Bi egun lehenago, abuztuaren 15ean, Maravillas Lamberto omendu zuen gaztetxeak –1936ko egun honetan bortxatu eta hil zuten faxistek Larragan, 14 urte zituela– eta bertan izan zen Josefina Lamberto (1929), Maravillasen ahizpa gaztea. Rozalejoko Markesaren Jauregitik kanporatuak izan ondoren, Josefina Lambertok bere sostengu argia adierazi zien gazteei: foru poliziei errieta egin zien Nabarrerian eta Mercaderes kalean dozenaka gazte egurtu zituen polizia hesiaren aurrean. "Injustizia handia da hustuketa hau", esan zion geroxeago Info7 irratia-ri. Bi egun lehenago ahizparen omenaldian pozarren izan zela zehaztu zuen eta gazteei gonbite argia luzatu zien: "Nik egin dudan bezala, haiek ere borroka dezatela, badute horretarako indarrik eta". Josefina Lamberto, Maravillasen ahizpa, gazteak agurtzen Nabarrerian foru poliziei errieta egin ondoren. (Arg.: EkinKlik). Berrokupazioa Maravillas gaztetxeak 18:00etarako deitu zuen batzarra Gazteluko plazan eta mila lagun inguru abiatu ziren manifestazioan Alde Zaharreko kaleetan barna. Espainiako poliziarekin tentsio uneak izan ondoren, azkenean 1.500-2.000 bat lagun iritsi ziren Nabarreria plazara eta pankarta atearen aurrean jarri zen, berau estaliz. Zerra erradial baten hotsa entzun zen puntuan eta erre usaina barreiatu zen plazan. Oso denbora gutxian ordu batzuk lehenago itxitako atea irekitzen ikusi zen eta ziztu bizian dozenaka lagun sartu ziren barrura, plaza osoa aho zabalik utziz eta herritarren txalo eta oihu artean. Berrokupazioak ezustean harrapatu zituen gehienak. Gazteek jakinarazia zuten berriz sartuko zirela, baina ez zekiten saioa noiz egin, egunean bertan edo ondorengoetan. Goizean goizetik izandako sostengua eta Gazteluko plazako batzarrean jende asko zegoela ikusi ondoren, argi zuten: "Orain da unea". Kanporatu eta egun berean, 19:00 baino lehenxeago okupatu zuten berriz ere gaztetxea. (Arg.: X. Letona) Ezusteko handiagoa iritsi zen 18ko eguerdian. Gazteak pozarren eta erresistentzia berriz antolatzen ari zirenean jakin zen albistea: foru gobernuak gaztetxea husteko agindua bertan behera utzi zuen eta epaileak artxibatu gobernuak jarritako salaketa bera. Azalpenen arabera, gobernuak ez zuen ordena publikoa arriskuan jarri nahi, bereziki ikusita "adingabe asko zirela eraikuntzan eta haren inguruetan". Aurreko egunean berdin ziren adingabe horiek hor, baina hori ez zen eragozpena izan gaztetxea husteko. Zer gertatu zen atzera egiteko? Inor gutxik ulertu du. Kritika zaparrada etorri zaio Nafarroako Gobernuari esparru politiko osotik, oposizioaren aldetik oso gogor, eta aldaketaren alderdietatik ere bai, baina hauek poza ezkutatu gabe, elkarrizketari bide eman diolako. UPN, PSN, PP eta Geroa Baik hustuketa babestu dute, eta EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra aurka agertu dira. Epaileak salaketa artxibatu ondoren, gobernuak helegitea jarri dio erabaki horri. Nahia Otxagabia eta Asier Cabodevillak eman ziguten gaztetxearen egoeraren berri gaztetxean bertan, berau berriz ere ireki ondoren. (Arg.: X. Letona) Gobernua kolokan "Ez dakit aldaketaren alderdiek akordioaren bidea berresturatuko duten, baina okupazio honen inposaketa intrantsigentearekin oso ukituak geratu dira 2015eko zumeak" (Diario de Noticias, abuztuak 21). Aldaketaren gauzatzean eta sostenguan garrantzi handia izan duen hedabideko zuzendari Joseba Santamariaren hitzak dira; kritikak kritika, medioak foru gobernuaren jarduna gertutik haizatu eta, oro har, sostengatzen du, besteak beste Maravillas gaztetxearen auzian. AHTko lanak, Nafarroako ubidea, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan, Hezkuntza Saileko arazoak, Aroztegia auzia, ikuspegi ekonomiko liberalagoa izatea edo ez, euskal gatazka, aurrekontuak… 2015ean aldaketaren alderdiek sinatutako akordio programatikoan kontsentsutik at utzitako gaiak edo legealdian zehar arazoak ekarri dituzten puntuak dira hauek, baina ez, Santamariaren ustez Maravillas gaztetxea da aldaketa kolokan jarri duena. Nafarroan dagoeneko gertatzen den ia guztia irakurtzen da 2019ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeei so. Horrek ez du esan nahi, ordea, auzi honen aktore guztiak horri begira ari direnik. Gazteak legealdiaren hasieratik ari dira gaztetxearekin gora eta behera, eta gobernuak orain arte itxaron du hauek Nabarreriatik kanporatzeko, okupaziotik urtebetera. Gainerako indar politikoek ere ez dute burrunba handirik atera gaiaz. Denentzat da gai arantzatsua, besteak beste, okupazioak legalitatearekin egiten duelako talka, bai Iruñean eta bai beste edozein lekutan ere. Kontua da arantza hori nola kudeatzen den eta horretarako molde ugari dira, adibide askotan ikus litekeen tankeran. Hainbat gaztetxe, hainbat jarrera Nafarroako Gobernua eta Geroa Bairentzat okupazioa guztiz salagarria da, legearen eta interes publikoaren aurkakoa. Auzi honen ageriko ertz nagusia hori da: 2017ko irailean gazte talde batek 20 urte hutsik zeraman eraikina okupatu zuela. Uxue Barkos lehendakariak, gainera, gazteen irtenaraztea bideratu baino egun batzuk lehenago Rozalejoko Jauregia memoria historikoaren institutua izango zela iragarri zuen, memoria lantzen dutenen esparruan ika-mika sortuz. Orain hil ala biziko den okupazio-legalitatearen binomioa ez da beti hain premiazko edo erabakigarria izan, ez UPN ez PSNrentzat, ez Geroa Bairentzat, ezta EAJ edo PPrentzat ere. Molde askotako jokaerak dira Euskal Herriko ehundik gora gaztetxeetan eta proklamen gainetik, azken hamarkadatan hamaika posizio eta eskuhartze daude gaztetxeekiko. Nafarroako erregionalistentzat orain Maravillas hustea ezinbestekoa bada ere, gogoratzekoa da Euskal Jai gaztetxeak hamar urte iraun zuela (1994-2004), Javier Chorraut (CDN) eta Yolanda Barcina (UPN) alkate zirela. Azken honek agindu zuen hura hustea eta eraistea eta orduko udal taldeko oposizio guztiak (PSN, EAJ, EA, Aralar eta Ezker Batua) gogor kritikatu zuen irtenaraztea. Kukutza eta Kortxoenearen eraisteak babestu zituen EAJk Bilbon eta Donostian legalitatearen izenean, baina 2007an Alfonso Alonso PPko Gasteizko alkateak orain 30 urte bete berri duen Gasteizko gaztetxea eraitsi nahi izan zuenean bakarrik geratu zen. Nafarroan aldaketaren indarrek sostengatutako hainbat udaletan dira gaztetxeak, baina ez da halako harrabotsik izan. Zergatik, orduan, Maravillas gaztetxearekiko hau guztia? Arrazoi eta hipotesi ugari daude, batzuk adierazitakoak eta beste batzuk ez. Kazetari hau saiatu da Nafarroako Gobernuko norbaitekin hitz egiten gaiaz baina ez du erantzunik jaso. Hipotesiak Gaur egun lau alderdik sostengatzen dute Barkosen gobernua, baina hori errepikatzea ez da samurra izanen datozen hauteskundeetan, besteak beste, Ahal Duguk bizi duen barne gatazkarekin oso gaitza izango delako 2015eko emaitzak eskuratzea. Pentsatzekoa da 2015ean bi bloke nagusiek berdinketa egin bazuten foru hauteskundeetan, orain ere ez direla urruti ibiliko. Baina lau urtetan hainbat kontu alda daitezke eta dabilen hipotesi nagusian, Geroa Bai ibili liteke balizko beste eszenatoki bat ere prestatzen, non ardatza Geroa Bai-PSN litzatekeen, Ahal Dugu eta Ezker Batuarekin batera. EH Bildurentzat txarrenetakoa izan litekeen egoeran, gainera, gerta liteke laukote horrek EH Bilduren beharra izatea gobernatu ahal izateko. Eta bestela UPN gobernura, PSNren sostenguarekin. Tira, zenbaki zehatzetan sartu gabe analisi arinegiak ere izan daitezke hauek, baina hor nonbait da hipotesi honen ardatz nagusia: gaztetxearen aurkako operazioarekin, Geroa Baik zentro-eskuinetik irabaztea luke xede nagusi. Jakina, gero ez da ulertzen zer irabazten duen kanporatzea bertan behera utziz. Orduan? Beste hipotesi bat da gobernuak gutxietsi egin zuela kanporatzeak ekarriko zion kostua eta atzera egin duela gatazkaren pilota handitzen ikusi duenean, errepresioa handitzetik nekez aterako duelako irabazpiderik. Bitartean, denbora irabazi du egoera elkarrizketaren bidez berbideratzeko. Abuztuaren 27an Iruñean Maravillas gaztetxearen alde egindako manifestazio burua. (Arg.: Joseba Zabalza) Beste aukera bat Akordioaren bidea ez da erraza izango. Maravillaseko gazteak biziki indartu dira jokaldi honetan eta ez daude bertatik alde egitekotan. Gobernuak ere berean jarraitzen du: memoria historikoaren egoitza nahi du hor. Hainbat arrazoi dela eta, 2017ko irailean gazteak ez ziren iritsi indarrez soberan jauregiaren okupaziora, baina urte honetan, apurka, jakin izan dute Alde Zaharreko herritarren kopuru esanguratsu baten atxikimendua irabazten: auzolana eraikina konpontzeko, jantokia ireki, Paradisu zinema, gimnasio bat, euskara klaseak antolatu, elikagaien bankua, bertso eskola, musika estudioa, bilkura gune ere bada kolektibo askorentzat eta zarata gehiegirik ere ez dute egin berez saturatua den Nabarreriako eremuan… Horietako batzuk besteak baino arrakastatsuagoak izan dira, batzuk hasi eta berehala desagertu edo ahuldu dira, besteak sortu eta indartu, baina oro har, norabide bat finkatu dute eta gaztetxea sendotuz eta sozializatuz joan da nabarmen. Legaltasun kontuetan gehiegi sakondu gabe, herritar askok nahiago du gazteak halakoetan ikustea, auzoa eginez, taberna zulo eta kale kantoietan galduta baino. Azken egunean, halaber, errepresioak ere zementu lan handia egin du atxikimendu bilketan. Gobernua eta Iruñeko Udala Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko ika-mika ere piztu du gatazka honek. Joseba Asiron Iruñeko alkateak bitartekari eskaini du bere burua eta honek sutan jarri du foru gobernua, bere ustez gazteei lekuak eskaintzeko eskumena udalarena delako eta Maravillas gaztetxean honek eskuak garbitu dituelakoan. Horrez gain, maiatzean Iruñeko Udalak Rozalejoko Jauregiaren baldintzak aztertu zituen eta hainbat jarduera ez egiteko agindua luzatu zuen, besteak beste kontzertuak. "Maiatzean eta ekainean, alkateak gaztetxean edozein aktibitate egiteko debekuak sinatu zituen. Eta gero atera da esatera gaztetxea hor egotearen alde dagoela. Hor egon zertarako? Deus ez egiteko? Ez dugu ulertzen", zioen Maria Solana gobernu eledunak Euskalerria Irratia-n. Gazteek gaztetxean egindako jarduera beste toki batzuetan ere egin dezaketela gehitu zuen, "Redin Cruzat Jauregia horretarako egokitu dute". Jauregi hau Iruñeko Kale Nagusian dago eta Plazara proiektua du udalak bertan. Une honetan halako beste hiru proiektu ere abiarazi ditu udalak, auzokideek autogestioan bideratzeko, Joxe Abaurrea Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotziak (EH Bildu) dioskunez. "Esparru komunitarioak" deitzen dituzte. "Esperimentu berria da hau eta auzo bakoitzean bertako bizilagunek kudeatuko dituzte guneak, gu hor ez gara sartzen". Beraz, gazteek ere hor dute euren proiektuak bideratzeko aukera bat. Hala gertatzen ari da Mendillorri auzoko Antzara proiektuan –ia milioi bat euroko inbertsioa eraikuntza berrian–. Txantrean berdintsu ari dira egiten salestarren proiektuarekin –beste milioi bat euro–. Buztintxurin, Arrosadian eta beste auzo batzuetan gauzatze bidean dira esparru komunitario hauek. Abaurrearen esanetan, "guk zera diogu, bai autogestioari, bai gaztetxeei, baina eraikinak seguruak izan behar dira, udal batek ezinbestean arduratu behar baitu bere herritarren segurtasunaz". Solanak aipatutako debekuei dagokienez ere argi mintzo da: "Guk ez ditugu debekuak egin, jakinarazpenak baino, zentzu positiboan jokatu dugu, jarduerak egiten badira, toki seguruan egin daitezen". Udala eta gaztetxea Udalak, dena den, izan du ika-mikarik orain Maravillas kudeatzen ari diren gazteekin, batez ere 2015ean hauek Compañia kalean gobernuaren eraikin bat okupatu ondoren, udalak Caparrosoko txaleta eskaini zienean. Harreman hauetan izan zen tira-birarik, eta 2016ko udan, udalak gazteekiko akordioa bertan behera utzi zuen hauek "egindako akordioa bete ez zutelako". Gazteek zarata handiegirik egin gabe alde egin zuten bertatik, baina 2017ko udaberrian udalarekiko harremanak hautsi zituzten eta irailean Nabarreriako jauregia okupatu zuten. Gazteek diote instituzioen izaera eta erritmoa, eta gaztetxearena guztiz desberdinak direla eta horregatik ekin ziotela beren bideari, gaurdaino iritsiz. Edozein kasutan, salatu dute Nafarroako Gobernuak Maravillas gaztetxeko kanporatzean udala nahasteko egin duen ahalegina, auzia Nafarroako Gobernuarena dela azpimarratuz. Caparrosoko txaletari dagokionez, eraikina bestelako beharretara bideratuko da. Borondatea Kontua da gobernuak atzera egin zuela kanporatze aginduarekin eta orain aukera berri bat dagoela gatazka bideratzeko. Ez da erraza izanen. Irtenaraztearen bezperetan gobernuak elkarrizketa eskaini zion gaztetxeari, gazteen esanetan abuztuaren 14ko arratsaldean, hurrengo egunean Foru Jauregian bilera egiteko Uxue Barkosekin. Gazteek hurrengo egunean Maravillas Lamberto omendu behar zuten gaztetxean eta gainera adierazi zioten gobernuari ez zutela euren batzarra egiteko denborarik. Horregatik ostegunerako proposatu zioten elkarrizketa gobernuari. Honek ez zuen onartu eta "gazteen agenda arazoak" gogor kritikatu zituen, are gehiago lehendakaria haiekin biltzeko prest agertu ondoren. Gazteek diote haiei berdin zaiela lehendakariarekin edo beste norbaitekin hitz egin, baina euren izaera asanblearioa errespetatu behar dela eta ez jarri bete ezineko baldintzak; gobernua abuztuaren 15ean hitz egiteko prest egonez gero, ez dela ulertzen zergatik ezin zuen 16an hitz egin, gazteek proposatu bezala. Auzia latza da, tentsioz betea eta hala jarraituko duela antzeman liteke. Inork ez daki nola buka dezakeen, baina alde guztiek beharko lukete nahi adinako malgutasuna akordiora iristeko. Hori, baina, esatea gauza bat da eta lortzea beste bat. Abuztuaren 27ko manifestazioan 3.000 bat pertsona izan ziren; argazkian, amaiera Iruñeko Gazteluko plazan. (Arg.: Joseba Zabalza)
news
argia-4676db34f983
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/izaba-eta-gares.html
Urrats aitzindariak energia burujabetzaren bidean
Ane Eslava Serrano
2018-09-02 00:00:00
Urrats aitzindariak energia burujabetzaren bidean Energia eredu berriak lortzeko ezinbestekoak dira tokian tokiko proiektu txikiak, eta horiek geroz eta ugariagoak dira Euskal Herrian. Oraingoan, Izabako Udalak pausu garrantzitsua eman du: udal merkaturatzailea sortu du, energiaren produkzioa, garraioa eta merkaturatzea eskuratuz. Asko dira eredu horretatik ikasi nahi dutenak. "Gaur egun Euskal Herrian kontsumitzen den energia primarioaren %92 atzerritik ekarritakoa da, eta erregai fosiletan edota energia nuklearrean du sorburua; egoera tamalgarria da". Jesus Ezkurra Energia Gara taldeko kidearenak dira hitzak. Energia berriztagarrietan aditua da, eta egungo energia ereduak sortzen dituen kalteez ohartarazi du: "Gure gizarteak petrolioan eta gasean du oinarria; horiek gerrateak sortzen dituzte, eta gure gizartean, sekulako desberdintasunak. Gainera, ingurumenean kalte handiak eragiten dituzte". Hori dela eta, energia trantsizioa premiazkotzat jotzen du Ezkurrak, eta tokian tokiko proiektuetatik abiatu behar dela uste du. "Aldaketak behetik hasi behar du, herrietatik eta hirietatik, udalak baitira biztanleok gertuen dugun erakundea". Horien ardura azpimarratu du: "Baliabideak kudeatzen dituzte, eta ahalmena dute energia eskubide gisa hartzeko, ez merkantzia gisa". Hala ere, argi du trantsizio energetikoa martxan dagoela dagoeneko: asko dira Euskal Herrian euren baliabideen giltza eskuan hartu eta burujabetzarako bidea urratzen hasi direnak. Eredu ezberdinak daude; besteak beste, kooperatibak, udalek bideratutako egitasmoak eta proiektu komunitarioak. Adibideen artean daude Lizarraga, Araia, Izaba, Gares, Lakabe, Iruñea, Gasteizko Errekaleor auzo askean sortzen ari diren irla energetikoa... Txikitik eragitea dute helburu, konponbide globalak lortzeko. Udalei dagokionez, hiru aukera dituzte, haien baliabideen arabera: energia ekoiztu, garraiatu edota merkaturatu. Izan ere, horiek dira elektrizitatearen sektorea osatzen duten hiru zutabeak. Ez dira gutxi horietako bat eskuratu duten herriak, baina Izaban  (Nafarroa) pausu aitzindaria eman berri dute: udalak hiru agente horiek bere esku hartzea lortu du. Hego Euskal Herriko lehenengo udal energia merkaturatzailea sortu dute. 1960ko hamarkadatik Belabarze eta Belagua ibaien emaria aprobetxatu izan du Izabako Udalak zentral hidroelektrikoarekin argindarra sortzeko, eta banatzeko kable-sistemaren jabe ere bada. Orain azken urratsa eman du: energia saltzea (arg: Dani Blanco / ARGIA) Erronkari bailarako 429 biztanleko herria da Izaba. 1960ko hamarkadatik martxan dagoen zentral hidroelektrikoari esker Belabarze eta Belagua ibaien emaria aprobetxatzen dute energia sortzeko. Udalak berak kudeatu du zentral hori hasieratik, eta urtean bi milioi kilowatt ekoizteko gai da. Zentralak ibaiaren ur emariaren arabera funtzionatzen du. Normalki, urritik ekainera bitartean produzitzen du energia, eta hurrengo lau hilabeteetan beste lan batzuk egiten dituzte: garbiketa, mantentze lanak, obrak... Aurten, ordea, euri asko egin du, eta produkzio historikoak izan dituzte. Bestalde, aspaldi herriko linea elektrikoa jarri zutenez, udala bere kable-sarearen jabe da, eta sortzen duen energia banatu ere egiten du. Oso herri gutxitako udalek dute energia sortzeko eta garraiatzeko aukera, gehienak elektrizitate enpresa handien menpe daude. Oraingoan, azkeneko pausua eman dute Izaban: energia saltzen hasi dira. "Orain dela hiru urte eredu energetikoa lantzeko udal talde bat sortu genuen, eta ikusi genuen ez zela zaila guk hirugarren faktore hori ere betetzea: energia saltzea", azaldu du Aitor Perez energiaren udal taldeko kideak. Prozesua luzea izan dela aitortu du, izapide asko egin behar izan dituztelako. Hala ere, lortu dute: uztailaren 1etik Rio Ezka udal energia merkaturatzaileak 280 bezeroren argindarra fakturatzen du. Orain, edozeinek kontratatu dezake zerbitzua, telefono edota internet bidez. Lehenik Izabako herritarrengana heltzea dute xede, baina Pirinioetako txoko gehiagotara zabaltzeko asmoa dute, izatez, Iberiar penintsula osora heltzeko ahalmena baitute. Hala ere, Perezen hitzetan, bezero berriak lortzea ez da erraza izaten ari, jendeari asko kostatzen baitzaio halako aldaketak egitea. Aitor Perez: "Prozesu osoa gure esku egotea lortu dugun, Pirinioek ematen dizkiguten baliabideei etekina ateratzeko" (arg: Dani Blanco / ARGIA) Prezioari dagokionez, energia saltzen hasi aurretik ez zekiten nola izango zen, eta ez zuten alde hori nabarmendu nahi izan. Baina ondoren konturatu dira haiek eskaintzen duten zerbitzua enpresa pribatuena baino pixka bat merkeagoa dela. Gainera, Izabako Udalak konpromiso bat hartu du: zentral hidroelektrikoak ematen dituen etekinak Pirinioetan sortzen diren proiektuetan inbertituko dituzte, eskualdeari bultzada emateko. Egindako urratsarekin "zirkulua osatu" dutela azaldu du Perezek: "Prozesu osoa gure esku izatea lortu dugu, Pirinioek ematen dizkiguten baliabideei etekina ateratzeko". Hori lortzeko ezinbesteko faktoreak izan dira aldez aurretik ekoizpenaren eta banaketaren jabe izatea, eta guztia eskala txikian egitea, haren hitzetan. Emaitzarekin pozik daude: "Ez diogu alde txarrik ikusten". Hasieran, merkaturatzailea sortzeari ekin ziotenean, uste zuten ez zutela ezer berririk egingo. Hori dela eta, orain "harrituta" daude: "Beste toki batzuetatik etorri zaizkigu, aholku bila". Herritarrak ere kontent daude zerbitzuarekin: "Modu independentean gure herriaren garapena bultzatzeko tresna ezinhobea da", adierazi du Patricia Alberdi Ezker Izabako biztanleak. Merkaturatzailearen albistea jakin bezain laster erabaki zuen zerbitzua kontratatzea, bai etxerako, baita haren senarrak duen ostaturako ere. Hasieran prezioa zein izango zen ez jakin arren, ez zuen zalantzarik izan, proiektuak ahalegina egitea merezi zuela uste baitzuen. Hainbat arrazoirengatik hartu zuen erabakia. Batetik, gertutasuna aipatu du: "Ongi dago jakitea zure dirua nora doan, eta enpresan konfidantza osoa izatea". Bestalde, baliabide gutxi dituen Izaba bezalako herri txiki batentzat laguntza ekonomikoa garrantzitsua izango dela azpimarratu du. Momentuz, zerbitzuak ongi funtzionatzen duela gaineratu du.   Garesen ere, autohornikuntza helburu Izabakoaren antzeko adibide gehiago daude Nafarroan; horietako bat Gares Energia egitasmoa da. Garesen (Nafarroa) ere tokiko garapenerako udal taldea sortu zuten 2014an, eta herriaren baliabideekin zituzten aukerak aztertu ondoren, zentral minihidraulikoaz baliatzea erabaki zuten. Electra-regadio izeneko zentralak energiaz hornitu zuen herria 1918tik 1983ra bitarte. Garai hartan zentralak ekoizten zuen energia elektrikoarekin herria hornitzen zuten, eta soberakinak industriara bideratzen zituzten. 1980ko hamarkadako olatu pribatizatzailearen ondorioz zentrala itxi egin zuten, eta ordutik geldirik dago. Orain, berreskuratzeari ekin diote, herrian aldaketa energetiko eta soziala sustatzeko tresna egokia dela uste baitute. Zentrala martxan jartzeko bi saiakera gehiago egon dira aurretik, baina oraingoan harago joan nahi dute, Oihan Mendo alkateak azaldu duen bezala: "Aurreko proiektuetan soilik energia saltzeko ikuspegia zuten. Guk, ordea, energia berriztagarria produzitu nahi dugu, baina baita energia hori publikoa, gertu ekoiztua eta autokontsumorako izatea ere". Oihan Mendo Garesko alkatea eta Paulo Ausejo San Jose proiektuaren sustatzaileetako bat Gareseko zentrala erakusten, Iruñeko Alternatiben Herriko 'Auzokoak' ikusentzunezkoaren saioetako batean. (arg.: Alternatiben Herria) Arga ibaiko ura erabiltzeko orduan, Garesko nekazariak aintzat hartuko dituzte. Haiek ur kopuru handia behar dutenez, zentralaren proiektua plaka fotovoltaikoekin osatuko dute. Herriko frontoiaren teilatuan jarriko dituzte, eta sortzen duten energia fotovoltaikoa udan erabiliko dute, nekazariek ur gehien behar duten garaian. Honela, produkzioa etengabea izango da. Gares Energia izena deitu diote bi ekimen horiek barnebiltzen dituen proiektuari. Lortzen duten energia herriko argiteriara eta eraikin publikoetara bideratuko dute, eta herriaren energia gastu osoaren %50 hornitzea aurreikusten dute. "Erabateko autohornikuntza lortzeko bide berriak bilatzen jarraituko dugu", gaineratu du alkateak. Aitor Perez (Izabako energiaren udal taldea): "Kanpoko laguntzen zain egon gabe, daukagunarekin aukera berriak eskaini baditzakegu, herritarrek arrazoi bat gehiago izango dute bertan geratzeko" Herritarren ahalduntzea dakar Energia burujabetzan aurrera egiteak herritarren ahalduntzea eragiten duela ziurtatu du Jesus Ezkurra adituak: "Proiektu energetikoak baliatu behar dira onura sozialak lortzeko; gizartearen burujabetzan aurrera egiteko". Izabako kasuan, egin duten urratsa eskualdearen berezko arazoei aurre egiteko onuragarria izan daitekeela uste dute. Hain zuzen, herritarrak bertako baliabideen balioaz jabetzea positiboa da despopulazioaren aurka. Perez: "Kanpoko laguntzen zain egon gabe, daukagunarekin aukera berriak eskaini ahal baditugu, herritarrek arrazoi bat gehiago izango dute bertan geratzeko". Garesen ere alde soziala zaintzen ari dira; energiaren proiektua aitzakia gisa harturik, hondaturik dauden herriko toki batzuk konponduko dituzte: frontoiko teilatua, ibaiaren pasealekua... Lan horietako batzuk, gainera, auzolanean egingo dituzte, kolektibotasunaren ideia lantzeko. "Honela, jendeak ikusiko du energia lehen mailako baliabide eta beharrizana dela, eta jabego kolektiboaren barruan dagoela", azaldu du Mendok. Gainera, halako egitasmoek lanpostuak ere sortzen dituzte herrietan. Garesen, kasurako, zentrala berreskuratzeko eta plakak jartzeko lanetarako langileak beharko dituzte, eta horiek kontratatzeko herrian duten lan poltsa erabiliko dute. Izaban, ordea, lanpostu bakarra sortuko dute, komertzializazioaz arduratuko dena; baina herri txiki batean epe luzerako lanpostu duin batek garrantzi handia duela nabarmendu du Perezek. 1980ko hamarkadako olatu pribatizatzaileaz geroztik itxita dagoen zentral minihidraulikoa martxan jarri eta energia berriztagarria produzitu nahi dute Garesen, publikoa, gertu ekoiztua eta autokontsumorako. (arg: Garesko Auzolan) Egindakoa zabaldu nahi dute Egindako bidea hor gera ez dadin, bai Izaban eta bai Garesen energiaren ikasgela bat sortzeko asmoa dute, haurrek haien herriko esperientziak ezagutzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, turismoaz ere baliatuko dira. Oso herri turistikoak dira biak: Izaba Erronkari bailarako herririk handiena da, eta neguan jende asko doa Belaguan eskiatzera. Garesetik, berriz, Done Jakue bidea igarotzen da, eta urtero milaka erromesek bisitatzen dute herria. Hortaz, aukera hori aprobetxatu nahi dute energia eraldaketaren inguruko informazioa zabaltzeko. Bisita gidatuak antolatu nahi dituzte bi herrietan, zentrala eta energiaren ikasgela bisitatzeko. "Modu bat da jendeari erakusteko beste eredu batzuk posible direla, eta haiek haien herrietara itzultzen direnean herri mugimenduei edo administrazioei bultza diezaieten bide bera hartzeko", adierazi du garestarrak. Jesus Ezkurra (Energia Gara): "Proiektu energetikoak baliatu behar dira onura sozialak lortzeko eta gizartearen burujabetzan aurrera egiteko" Beldurrek, ezjakintasunek eta erosotasunek askotan aldaketak geldiarazten dituzte. Izaban eta Garesen, ordea, argi dute: ez da beharrezkoa aditua izatea, ezta helburu lorrezinak ezartzea ere. Garrantzitsuena gogoa da. Perez: "Guk lehen ez genuen honen inguruko ezagutzarik, baina sekulako gogoa genuen. Ikusi genuen aukerak zeudela, eta elektrika handiei aurre egin ahal geniela". Posible dela erakutsi ostean, aldaketa beste toki batzuetara zabaltzea dute amets. Haiek prest agertu dira ikasitakoa erakusteko eta besteei laguntzeko. "Guk tanta bat egin dugu, baina hau itsaso bilakatzea nahi dugu".
news
argia-b5c4c2d7d3df
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/eguzkiaren-zerga.html
Eguzkiaren zerga
Mikel Zurbano
2018-09-02 00:00:00
Eguzkiaren zerga Europar Batasunak ekainean onartu berri du kontsumorako, biltegiratzeko edo sarean saltzeko energia ekoiztu nahi duenak eskubide osoa duela horretarako. EBeko instituzioen arteko akordioak Espainiako Estatuan 10 kw baino gehiagoko instalazioentzat indarrean dagoen eguzkiaren zerga kolokan ipini du. Elektrizitate enpresa handien kalterako den zuzentaraua 2021ean sartuko da indarrean. Haatik, Madrilgo gobernu berria autokontsumo elektrikoaren zamaren aurkakoa delarik, eguzkiaren zerga lehenago ezabatuko duela espero da. Horretarako, Madrilgo legebiltzarraren gehiengoaren aldeko jarrera du, bertan PP baita aurka dagoen indar bakarra. Horrenbestez, energia berriztagarrien autokontsumoa sustatuta ikatzik gabeko ekonomiarantz bideratzen den energia trantsizioaren olatuan herritarren parte-hartzea indartu nahi da. Estatuan eguzkiaren energia etxean erabiltzea eta sortutako energia kontsumitzea legezkoa da eta eskala txikian zergarik gabekoa da. Etxe arrunt bateko energia beharra ez da 3 edo 4 kw baino handiagoa. Beraz, 10 kw mugaren azpikoa izanik ez dute zamarik jasan. Hala ere, 10 kw baino gehiagoko ustiakuntza txikiek –landa eremukoak sarritan- eguzki plakak ipintzeagatik zerga ordaindu behar izaten dute. Madrilgo gobernu berria autokontsumo elektrikoaren zamaren aurkakoa delarik eguzkiaren zerga lehenago ezabatuko duela espero da. Horretarako Madrileko legebiltzarraren gehiengoaren aldeko jarrera du, bertan PP baita aurka dagoen indar bakarra. Horrenbestez, energia berriztagarrien autokontsumoa sustatuta ikatzik gabeko ekonomiarantz bideratzen den energia trantsizioaren olatuan herritarren parte- hartzea indartu nahi da Orain arte egoera hori arautzen zuen azken neurria 2015ekoa da eta autokontsumorako bi aukera erregulatu ditu. Lehenean instalakuntza ez da banaketa sarearekin lotzen eta, beraz, ez du sortutako energia merkaturatzen. Bigarrenean, aldiz, kontsumoaren gainetik sortutako gaineratikoa sarera bideratzen da.  Azken egoera honetan elektrizitate ekoizle gisa erregistroan izena ematea beharrezkoa da eta instalakuntza 10 kw baino gehiago izatekotan sarbiderako bi sari ordaindu behar izaten dira. Sari bat finkoa da eta bigarrena sortutako energiaren araberakoa. Zama horiek direla eta errotu egin da norberaren kontsumorako bideratutako eguzki energia bideragaitza delako ustea. Teknologia berrikuntza prozesuetan ohikoa den moduan kostuak gutxitu egiten dira denboraren poderioz. Eguzki plaken kostuak ere merketuz joan dira eta aipatutako zamak kontuan hartuta ere instalakuntzak egun bideragarriak dira, nahiz eta zergen kopuruak amortizazio epea luzatzea dakarren. Azken zazpi urtetan eguzki instalakuntzaren kostuak %76 murriztu dira, Espainiako Estatuko 2018ko autokontsumoaren egoerari buruzko txostenaren arabera. Estatuan eguzki energia fotovoltaikoa elektrizitate eskariaren %3 da gaur egun. Eguzkiaren zergaren ezabaketarekin 2030 urterako ehuneko hori 10era igoko dela aurreikusten dute sektoreko eragileek. Bestelako energia berriztagarriak aintzat hartuta elektrizitate eskariaren erdia aise gaindituko lukete iturri hauek urte horretarako. Ikusteko dago sektoreko oligopolioek izango duten jokabidea. Elektrizitate autokontsumoaren logikak beren negozio ahalmena narria dezake eta, bistan da, duten botere politiko eta ekonomikoa eredu bertikalarekin jarraitzeko erabiliko dutela. Beste muturrean, energia berriztagarriak sustatzen dituzten Goiener, Som Energia edo REScoop sarea bezalako kooperatiben arrakastak energia eredu deszentralizatu eta jasangarrirako trantsizioa bermatu egiten dute. Kontsumitzailearen hautua eta, batez ere, Estatuan iragarrita dagoen trantsizio ekologikorako lege berria giltzarriak dira energiaren eredu aldaketarako bidean.
news
argia-85545c2e1b52
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/aire-sigi-sagatsu-liluragarriak.html
Aire sigi-sagatsu liluragarriak
Joxi Ubeda Goikoetxea
2018-09-02 00:00:00
Aire sigi-sagatsu liluragarriak Suge baten mugimenduak bezala, S.E.R.P.I.E.N.T.E. taldearen kantuak sigi-sagatsu tankerakoak dira, sorgintzaileak, liluragarriak. Giro misteriotsu batzuetara eramaten gaituzte, trantze eta nahasmen gisako egoeretara, eta askotariko sentsazioak iradokitzen dituzte. 70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako post-punk eta dark-wave kutsuak dituzten aireak dira. Joy Division, Siouxie and the Banshees eta garai horietako beste zenbait taldek jotzen zituztenak gogorarazten dizkigute, baina S.E.R.P.I.E.N.T.E. taldeak bere nortasuna dauka, bere ukitua, kantuak sortzeko eta jotzeko bere modua. Hain zuzen ere, euskal-wave/suge-synth gisa definitzen dute egiten duten musika, eta beren asmoa esperimentatzea dela diote. Estetika arreta handiarekin zaintzen dute, eta horren adibide garbia da Ar kantarekin egin duten bideoklipa. Doinuak gordina dira, melodiak goibelak eta ilun samarrak, eta kantetan nabarmentzen dira sintetizadoreen soinuak, ahotsen jolasak, baxuaren sendotasuna,  eta bateriaren erritmo errepikakorrak –gehienetan– eta oso biziak –batzuetan–. Ez da ohiko rock talde bat. Esaterako, gitarrarik ez dute erabiltzen, baina baxuak ederki asko betetzen ditu bi rolak, gitarrarena eta baxuarena. S.E.R.P.I.E.N.T.E. taldean Ana, Beatriz eta Elena musikari bilbotarrak aritzen dira. Taldea 2015. urtean sortu zen, eta urteotan taldekideen artean hainbat aldaketa izan arren, taldeak bere izaerari eutsi dio. 2017aren amaierarako osatu dute beren lehen grabazioa, bost kanta biltzen dituen EP edo iraupen laburreko disko hau. Kantak Interneteko Bandcamp plataforman duten gunean entzun daitezke ( s3rpi3nt3.bandcamp.com ). Talde interesgarria da S.E.R.P.I.E.N.T.E. Bere aire sigi-sagatsu liluragarriez gozatzen jarraitzeko, arretaz erreparatuko diegu bere mugimenduei, bere kantu berriei, eta, jakina, beren jendaurreko emanaldiei, agertokiaren gainean oso gustura aritzen baitira, grina handiarekin.
news
argia-88ca40b69d97
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2610/poesia-lurreko-jendearentzat.html
Poesia lurreko jendearentzat
Itziar Ugarte Irizar
2018-09-02 00:00:00
Poesia lurreko jendearentzat "Paparrean" errezitaldiaren kronika. Uztailaren 14an Eako poesia egunetan eskaini zuten Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landak. Jaun-andreok/ hauxe da gure azken hitza/–gure lehen eta azken hitza–./ Poetak Olinpotik jaitsi ziren. Eako poesia egunetan gaude, Portusolon, iluntzeko azken argi orduetan. Agertokirik ez da hemen, non dena maila berean gertatzen den, hartzailea eta sortzailea lur berean diren. Eta agertokirik gabeko agertokian, orain, Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landa. Eta haiekin, haien gorputzetatik, Nicanor Parra eta Violeta Parra. Gure arbasoentzat/ luxuzko gaia izan zen poesia/ guretzat baina/ premia-premiako produktua da:/ ezin dugu bizi poesia barik. Ez Olinpo eta ez jainko. Horixe zen, hain justu, Portusolo. Lurreko jendea, etxe arteko belar gainean; poesia galdekatzaile, zorrotz, eder, lurtar baten zirraran. Castrillo saxofoian, beste hiruek eman zituzten txiletarren olerkiak euskarazko itzulpen ederrean, eta gitarrarekin abestu zituen Garciak Violetarenak. Lagundu zioten Barandiaranek eta Landak ere. Poetaren indarrez egin zuten, buruz inoiz. Landak Nicanor ikaslearen larrutik: Zoratu egin gintuzten irakasleek/ harira ez zetozen galderekin. Nola batzen diren zenbaki konplexuak/ ba ote den armiarmarik ilargian . Eta Barandiaran, belarri ertzera, irakaslearenetik: tsarraren familia zelan hil zen/ ba ote liteke ahoa itxita kantatzerik?/ nork margotu zizkion bigoteak Giocondari/ zer izen duten Jerusalemgo biztanleek. (...) Hitza hartu eta jendearengandik gertuago uzten zutela zirudien. Bihotz-gogoak lurrera gerturatzen dituela parratarren hitzetan datzan munduak. Nola mintzo zaizkigun askatasunaz,/ eta horixe bera falta zaiguna./ Nola eskatzen duten lasaitasuna,/ eta gu torturatzen agintedunak. Eta bizi-bizi errepika: Zer dio Erromako Aita Santuak/ bere usoa ikusirik hain lumatua? Irakurraldien tarteetan anai-arreben bizitzetako pintzelkada batzuk eman zituzten; antipoesia, komunitate maputxeekin lotura, Violetaren Parisko ibilerak… Landak aipatu zuen azkena; latza dela, latza, Eskerrak bizitza idatzi zuenak bere buruaz beste egin izana hura idatzi eta gutxira, 1967ko negu urrunean. Kantatu zuen hura ere Garciak, Amets Arzallusen itzulpena –haren eta besteen bila ariko ginen gero, armiarmako atarian–. Eskerrak bizitza eman didalako/ begien kabi bat, nik zabaltzerako/ kolore guziak bazituelako/zeru altuetan izar gorri asko/ eta haien artean maitea han dago . Une batean euri tanta finak hasi ziren, eta ezer gertatzen ariko ez balitz bezala jokatu genuen denok. Berehala agortu ziren tantak, amaitu zen gidoia eta jendea gehiago eskatzen hasi zenean, 17-etara bueltan berriz Garciak: Elkarri lotuz, elkarri,/ huntza bezala murruan,/ eta haziz doa, haziz,/ goroldioa harrian moduan. Bai, bai, bai.... Gauza ederra da zauden tokian eta denboran, beste inon izan nahi ez izatea.
news
argia-ff1e8eb1a2d2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/kristin-ross.html
"Ezin gara kontzeptuetatik hasi pertsonak erakutsi nahi baditugu"
Pablo La Parra P�rez
2017-04-30 00:00:00
"Ezin gara kontzeptuetatik hasi pertsonak erakutsi nahi baditugu" Communal Luxury izenburuak luxuaren definizio polemiko bat iradokitzen digu, luxuaren eta kapitalista handien arteko lotura konbentzionalaz harago. Italiako mugimendu autonomoa dakarkigu burura, 1970eko hamarkadan nola salatu zuen langileen eskubideak mugatu nahi izatea oinarrizko beharretara, luxua klase nagusien eskubide esklusiboa balitz bezala; eta hori salatzeko nola erabili zituen "kabiarra jateko eskubidea dugu" bezalako leloak. Parisen 1871n aldarrikatutako "luxu komunala" al da luxuaren halako kontzeptu apurtzailea aldarrikatu zen lehenengo aldia? Ez dakit Parisko Komunan aldarrikatutako "luxu komunala" luxua ulertzeko era apurtzaile horren lehenengo agerpena izan zen, ideiarik ez. Ez dakit ideiaren genealogia egiten saiatzea bereziki interesgarria den ere. Guri dagokigunez, orain, gure orainaldiaren momentu honetan, austeritatearen izenean estatuek aberastasuna aberatsenei birbanatzen dietela ikusten ari garenean, garrantzitsuena da ideia berriro emankor bihurtzea. "Luxu komunala" ez zen Komunaren lelo ozenetako bat. Terminoa Komunako artista eta artisauek sinatu zuten manifestuaren azken esaldian aurkitu nuen, federazioa osatzen ari ziren garaian idatzitako hartan. Prisma moduko bat bihurtu zen niretzat eta, bertatik erreparatuta, Komunaren asmakizun gako eta ideia klabe batzuk errefraktatu ahal izan nituen. Gaur egun, terminoaren sortzailea, Eugène Pottier poeta eta dekorazio-artista, beste arrazoi batengatik ezagutzen dugu: Aste Odoltsuaren bukaeran, sarraskietan isuri zen odola lehortu baino lehen, Internazionala idatzi izanagatik. Hain zuzen ere, Pottierrek Artisten Federazioari egindako ekarpena nekez ikusi izan da, jakintsuen arreta obsesionatuta egon baita askoz ezagunagoa den burkide eta Federazioaren lehendakariarekin: Gustave Courbetekin. Ikerlarientzat Courbeten pathos a erakargarria izan da, Vendôme zutabearen suntsiketaren arduraduntzat jotzen delako, eta "Parisko Komunan artea eta edertasuna arlo pribatutik ateratzen dira, eguneroko bizitzan integratuko dira erabat" Pottier alboratu egin dute. Baina Courbet baztertzen badugu –liburuan egiten dudan bezala–, mundu artistikoaren erdian zegoen hierarkia Pottierrek eta Federazioak irauli zutela ikus dezakegu. Hierarkia horrek arte ederretako artistei alimaleko pribilegioa ematen zien, baita estatusa eta abantaila ekonomikoak ere; Bigarren Inperioan, dekorazio-artistek, antzezleek eta artisau espezializatuek ezin zituzten pribilegio, estatus eta segurtasun ekonomiko horiek eskuratu. Federazioaren manifestua esaldi honekin bukatzen da: "Elkarrekin egingo dugu lan gure birsorkuntza lortzeko, luxu komunala sortzeko, etorkizuneko loriak eta Errepublika Unibertsala". Pottierrek eta beste artistek "luxu komunala" terminoarekin "edertasun publikoa" esan nahi zuten: bizitzeko ingurunea hobetzea hiri eta herrietan, pertsona ororen eskubidea ingurune atsegin batean bizi izateko eta lan egiteko. Beharbada eskakizun horrek apala dirudi, dekorazio hutsa apika. Baina, artearekin dugun harremana erabat birformulatzeaz gain, lanarekin, gizarte-harremanekin eta bizitza-inguruarekin ditugun harremanak ere birformulatzeaz ari da. Hori guztia egiteko, Komunaren bi goiburuak abian jarri behar dira: deszentralizazioa eta parte-hartzea. Artea eta edertasuna arlo pribatutik ateratzen dira, eguneroko bizitzan integratuko dira erabat, eta ez dira egongela pribatuetan gordeko, ezta oroigarri nazionalista lizunetan ere. Mundua bi taldetan banatuta dago: hitzekin eta irudiekin jolasteko luxua dutenak, eta luxu hori ez dutenak. Luxu komunalak banaketa hori gaindituko du. Komuneroen ekintzek argi utzi zuten moduan, gizarte baten baliabide eta lorpen estetikoek ez lukete "tapizeria napoleoniko kaskar" baten forma izan behar, William Morrisek Vendôme zutabea definitzeko erabili zituen hitzak berreskuratzearren. Alegia, sozialki determinatutako antzinako ohitura artistikoak desmuntatu ziren erabat Komunaren eraginez. Zure azken liburuaren alderik interesgarrienetako bat biltzen duen pertsonaia-galeria da. Pottier aipatu duzu dagoeneko, baina beste pertsonaia deigarri batzuk ere aztertzen dituzu; esaterako, Napoléon Gaillard, "zapatari" eta barrikadagile harroa. Napoléon Gaillard zapatariak –edo zapatagintzako artistak, Gaillardek berak esaten zuen bezala– bere burua berrasmatu zuen, barrikada-estratega eta arkitektoa zela esanez, kale-defentsaren artea eta ezagutza eraikiz, zapaten gaineko artea eta ezagutza propioa moldatu zituen bezala. Luxu komunala, beraz, eguneroko estetika-prozesu bat eraikitzeko modu bat da, norbere buruaren emantzipazio-ekintza agerikoa. Eta, hortik abiatuta, klaseetan oinarritutako luxuaren amaiera gara dezakegu, eta aztertu halako ideia batek irekitzen duen gizarte-aberastasunaren ikuspuntu erabat berria. Ikuspuntu horien garapenik onena William Morrisen lanean ikusten da, haren edertasunaren eta ekoizpen erabilgarriaren analisi kritikoa erdigunean dago komuneroen ideien transmisioan; baina baita Morrisek egiten zituen gauza erabilgarrietan eta artisau izateari buruzko idazlanetan ere, artea eta erabilgarritasuna gero eta banatuago egoten hasiak baitziren dagoeneko garai hartan. Hain zuzen ere, hasieran dekorazio-artisten eskakizun dekoratiboa dirudienak aberastasuna eta gizarte-balioak berrasmatzea eskatzen du, truke-balioaz harago. Liburuaren bukaeran, Élisée Reclus eta Paul Lafargue bezalako Komunako errefuxiatuen lanetan aurkitzen ditudan pasarteetan, Pottierren hitzekin "luxu komunal" izendatu dudan hori bihurtzen da termino ekologikoetan bideragarria den gizarte baten zirriborroa. Napoleon Gaillard (ezkerretik bigarrena) Rivoli kaleko barrikadan. Zapatari honek bere burua berrasmatu zuen Parisko Komunan, "barrikaden artista" bihurtuz. Marx, Reclus, Kropotkin, Morris… Guztiek abiapuntu ezberdinak zituzten Komuna aztertzeko. Zure liburuan sintesi-lana ikusten dugu. Bertan behera utzi behar al dugu tradizio komunistak eta anarkistak ezarri zuten segmentazioa, jabetza pribatuaren eta etekin kapitalistaren analisi historiko eta politiko sakonagoak lortzeko? Komuna bukatu ondoren, Reclus komuneroaren, William Morrisen, Piotr Kropotkinen eta beste batzuen lanetan ikusten dugunez, edertasuna eguneroko bizitzan loratzeko eskakizun horretan zera ageri da, gaur egun "ekologikotzat" hartuko genituzkeen ideia-sorta bat zegoela; hori Morrisen "edertasunaren analisi kritikoan" dagoen berezko sentsibilitate ekologikoan ikusten da, adibidez, edota Kropotkinek eskualdeko autohornikuntzaren garrantzia azpimarratzen duenean. Muturrik espekulatiboenetan, "luxu komunalak" merkatuak ematen dituzten irizpideez edo balio-sistemaz harago doazen irizpideak eta balioak ditu, gizarteak zer estimatzen duen erabakitzeko. Izadia ez da baliabide-biltegitzat hartzen: berez estimatzen da. "Versaillesko propagandan pobrezia zen parteka zitekeen bakarra; Luxu Komunalak ideia horri erantzun zion guztiok onenaren zati bat izateko eskubidea dugula esanez" "Luxu komunalak" alde polemikoa ere bazuen, gure garaian erabilgarria izan daitekeena. "Luxu komunalak", lelo edo proiektu bezala, Versailleskoek erabiltzen zuten misérabilisme kontzeptuaren aurkako borroka adierazten zuen: kontzeptu hori Versailleskoek erabiltzen zuten, landa-eremuetan bizi zirenei azaltzeko Paris hartu zuten komunistak zer egiten ari ziren. Komuneroak mespretxatzeko partageux terminoa erabiltzen zuten, "banatzaileak". Partekatzea, Versaillesko propagandan, pobrezia partekatzea zen, besterik ez. "Luxu komunalak" ideia zentzugabe bati erantzun zion: guztiok onenaren zati bat izateko eskubidea dugula, alegia. Liburuaren sarreran, Parisko Komunaren testuinguru historikoaren eta gaur egungo egoera politikoaren arteko antzekotasuna azpimarratzen duzu. Diozunez, Komunan esku hartu zuten langile gehienek denbora gehiago eman zuten lan bila lanean baino. XX. mende aurreko lan-baldintzetara itzultzen ari gara? Komuna berriro aztertzea soldatapeko lanaren narrazio historiko teleologiko eta linealak zalantzan jartzeko modu bat al da? Jende askok argudiatu du gaur egungo lan-baldintzak eta XIX. mende bukaerakoak antzekoak direla. Duela gutxi Alain Badiouk zera planteatu du, jendea finantza-kapitalaz ala neoliberalismoaz teorizatzen nekatzen ari den bitartean, egia esanda, kapitalismo klasikoaren ezaugarri guztiak dauzkagula aurrean: mundu-merkatua, kapitalaren kontzentrazioa, derrigorrezko inperialismoa. Hala, irakurtzen hasi nintzenean XIX. mende bukaerako artisauen, gremio xumeetan ibiltzen zirenen, jornalarien eta arte-langileen bizitzen gainean –kategoria sozial horietatik sortu ziren komuneroak–, esango nuke deigarriena iruditu zitzaidala haien benetako nazioartekotasuna. Eugène Pottier edo halako norbait hartzen badugu –Komunaren garaian lantegi txiki bat zuen non artisauek denetatik ekoizten zuten: parpaila, portzelana margotua, zeramika…–, haren estudioan espainiarrek, italiarrek eta frantziar ez ziren beste hainbatek lan egiten zuten. Gaurko lan-egoeran bezala, jendeak distantzia luzeak egiten zituen lan bila, eta landatik hirira joateaz gain, Europako hiri ezberdinen artean ibiltzea ere ohikoa izaten zen. Gizabanakoetan jarri duzun garrantziak gogora ekarri dizkigu Rancièrek The names of history (Historiaren izenak) liburuan egindako iruzkin batzuk. Rancièrek zalantzan jarri zuen historialari akademiko batzuek masekin zuten obsesioa –masak tradizionalki "ezagutza historikoaren ikasgai on" gisa ikusi direlarik–, eta arreta subjektibotasunari emateko eskatu zuen, borroka politikoan parte hartu zuten gizabanakoen esperientzia kontuan hartuz. Historiografia "progresista" gehienek masen narratibak erabili dituzten arren, gizabanakoen ibilbideak ikertzeak ba al du ahalmen askatzailerik? Gertaera bat noraino iristen den eta zer ondorio zentrifugo dituen ikusteko, gertaera horren fenomenologia berezia berreraiki behar da, baita iraganeko parte-hartzaileen ahotsak bildu eta aztertu ere. Gertaera baten berezitasuna errespetatu behar da –esaterako, Komuna sortu zutenek egin eta esan zutena; egiten ari zirenaren gainean pentsatu eta esandakoa; erabili, maileguan hartu, inportatu, eztabaidatu eta bertan behera utzi zituzten hitzak; haien bizitzei forma ematen zieten hitzei eta desirei eman zizkieten esanahi ugariak– baldin eta gertaera edo borroka hori gure egunerokoan imajinatu nahi badugu eta balizko etorkizuntzat hartu nahi badugu. Uste dut heziketa literarioa lagungarria dela, subjektibizazioaren agertokia azpimarratzen baitu, hobe dela subjektibotasunetik hastea kontzeptuetatik hastea baino. Horrek guztiak alde benvenistetar bat duela uste dut, eta horretan Rancièrerekin bat nator: hain zuzen, "ni" esaten dugunean subjektibotasuna sortzen dugu; guztiok "ni" izenordaina partekatzeak berdintasun sakona ahalbidetzen du; izenordain hori esaten duen bakoitzak hizkuntza osoa bereganatzen du. Rancièreren eskutik ikasi nuen enuntziatua entzuten eta hari arreta jartzen. Rancièreren ustez, iraganeko langileen ahotsek eta gerora haien gaineko teoriak sortzen dituzten ahotsek arreta bera merezi dute, baldin eta haien testuingurua eta baldintzak desnaturalizatzen badira; horrela, iraganeko pertsonak, eta bereziki langileak, subjektuak irudituko zaizkigu, eta ez datu hutsak. Haien egoera sozialaren ordezkari soil izatetik askatzeko, batzuetan espero ez diren elkar-topaketak antolatzen ditut, haien gaurkotasuna irekitzen duten berregituraketa taktikoak, edo gertaeraren fenomenologia berreraikitzen dut zeharkako erreferentziak erabiliz. Eta, kokatu ondoren, saiatzen naiz entzuten topaketa horiek sorrarazten dituzten dinamikak. Jokoan dagoena ez da autentikotasuna bilatzea, benetako langilea, benetako komuneroaren ahotsa, edo benetan bertakoa dena; hori baino gehiago da, une eta mundu zehatz batean diskurtsoak eta proiektuak nola osatu ziren aurkitzea da. "Zientzialari eta teorialari politikoak kontzeptuetatik hasten dira eta gero masak erabiltzen dituzte kontzeptuen bideragarritasuna erakusteko" Zientzialari eta teorialari politikoak kontzeptuetatik hasten dira, eta geroago masak erabiltzen dituzte haien kontzeptuen edo egituren bideragarritasuna erakusteko. Literaturan eta eleberri-forman murgildu izanak zera azpimarratu dit, baldintza zehatz batzuetan hartzen diren bizitzaren gaineko erabaki pertsonal eta konkretuak direla, hain zuzen ere, aldaketa historiko-geografikoaren mamia. "Historikoki presente" dauden pertsonak erakutsi nahi baditugu, ezin gara kontzeptuetatik hasi. Raymond Williamsek errealitate hori ongi ezagutzen zuen, eta teorietan, kritiketan eta eleberrietan islatu zuen. Eta ez zen kasualitatea izan "partikularismo militante" gisa ulertzen zuen hura adierazten saiatzeko eleberri-forma erabiltzea. Nire ustez, gaur egungo iraultza edo askatasuna irudikatzeko modu bakarra da eraikitzea edo eszenaratzea orain borrokatzen ari diren gizarte-mugimenduak edo garai batean etsai zehatzen aurka borrokatzen zirenak. Deskribatzen diguzun Karl Marx, Komunaren inguruan idatzi zuen garaikoa, malgua da, ia libertarioa. 1871ko iraultza Marxen ibilbide politiko eta intelektualaren inflexio-puntutzat hartzen duzu. Aurkikuntza berri bat izan al da zuretzat? Zure liburuaren helburuetako bat "marxismoaz haragoko Marx" bat berreskuratzea al da? Uste dut Parisen 1871ko udaberrian gertatzen ari zenak Marx erabat hunkitu behar izan zuela. Maila pertsonalean, kalean borrokatzen ari zirenetako batzuk ezagutzen zituen, eta horietako batzuk lagunak ziren. Maila politiko-existentzialean, lehenengo aldiz kapitalista ez zen bizitza bultzatzen zuen jendea ikusi zuen, benetan gertatzen ari zen egoera batean. Lehenengo aldiz, aukera izan zuen ikusteko jendeak haren bizitzaren jabe gisa –eta ez soldatapeko esklabo gisa– nola jokatzen zuen. Eta uste dut Raya Dunayevskayak arrazoi duela esaten duenean benetako esperientzia horrek Marxi eragin ziola teoriaren kontzeptuarekin erabateko haustura bat. Bere lanaren une horretan, teoriaren historia ikertzetik klase-borrokaren historia ikertzera pasatu zen eta huraxe bihurtu zen bere benetako teoria. Eta horixe da Komunaren ostean axola zitzaiona. Niretzat ideia hori ez zen berria –izan ere, nire lehenengo liburuan, The Emergence of Social Space , gauza bera esan nuen beste modu batean Marxen hasierako lan batzuk aztertuz, esaterako 1843ko Hegelen estatu-doktrinaren kritika –. Liburu horretan azpimarratu nuen Marxek zer talka izan zuen "ezezagunaren asmatze" horrekin –alegia, Komunarekin–, eta nola horri esker konturatu zen askatasuna berez askatzaile diren forma politikoen mende dagoela. Batzuetan horri deitzen diot bere "Audre Lorde ulertzeko momentua". Audre Lorde poeta jamaikar-amerikarra zen , ezaguna esateagatik jabearen etxea ezin dela desmuntatu jabearen tresnak erabiliz. Komunaren "existentzia operatiboak" berak argi utzi zion Marxi hori: langile-klaseak ezin dituela estatuaren forma burokratikoak erabili bere asmoak gauzatzeko. Berez askatzaileak diren formak aurkitu behar ditu. "Komunak argi utzi zion Marxi langile-klaseak ezin dituela estatuaren forma burokratikoak erabili bere asmoak gauzatzeko" The Emergence of Social Space idazten ari nintzela, liburu batek asko irakatsi zidan, eta oraindik ere teoria marxistaren inguruko lan garrantzitsuenetakotzat daukat: Late Marx and the Russian Road (Marx berantiarra eta bide errusiarra), Teodor Shaninek editatua. Liburu horretan aurkezten diren argudioak, Dunayevskayarenak edo Komunaren inguruko laneko nire ideiak, Europatik kanpoko marxismoan interesatuta dauden batzuek hartu eta garatu dituzte azken boladan, esaterako, Kevin Andersonek eta Harry Harootunianek. Nire ustez, ikerketa-lerro hori emankorra da marxismo-ikasketen arloan, akademikoegiak eta, itxuraz, bukaezinak diren balio-teoriak xeheki zehazteko lanak baino askoz ere produktiboagoa.   Komunaren oroimena bizirik dagoela erakusten du iaz Parisko République plazako metroan irakur zitekeen pintaketa honek. IRAGANA BESTELA ERE ULER DAITEKE Komuna edo 1968ko maiatza "porrot egindako iraultza" gisa ikusteko joera dago, hain zuzen ere, boterea lortu ez zutelako edo botereari eutsi izan ezin ziotelako. Zure liburuekin beste itxura bat hartzen diegu, hau da, Komunaren eta 1968ko maiatzaren lorpena jada bertan zegoela , aipatzen duzun "existentzia operatiboan", Marxen terminoa erabiliz. Iraganeko mugimendu politikoak ebaluatzeko, boterea hartzea eta porrot/garaipen logika berrebaluatu beharko genituzke? Bai, zuek aipatutako porrot/garaipen logikak ez digu gauza handirik eskaintzen iraganeko mugimenduez, baina oso logika iraunkorra da. Duela gutxi Alain Badiourekin hitz egin nuen, eta Komuna porrotaren adibide gisa hartzen zuen elkarrizketan zehar. Galdetu nahi nion ea garai hartan arrakasta izan zezakeen Komunak zer-nolako itxura izango zuen! Betidanik zaila egin zait jakitea zer den arrakasta eta zer porrota. Ingelesez badugu esapide bat: "Zenbat enara behar ditugu udaberria izateko?". Nire ustez, historian ez dago beste gertakizun bat Parisko Komunak bezainbesteko aditurik sortu duenik gertaeren osteko analisigintzan, paradisua da atzeko eserlekuko gidarientzat –horrela esaten diet nik–. Zergatik ez zuten komuneroek Versailles hartu? Zergatik ez zuten antolamendu militar hoberik? Zergatik galdu zuten denbora (suposatuz kontziente zirela Komuna bukatzear zela eta denbora preziatua zela) udaletxean eztabaidan? Zergatik ez zuten banketxeko dirua hartu? Komunaren gaineko iruzkin eta analisi bukaezinek horrelako galdera ezinezkoak planteatzen dituzte edo komuneroen "akatsak" zerrendatzen –Komunaren memoria maite dutenek egiten dute gainera–. Niretzat ikaragarria da ikustea desira hori zein ezabaezina den: iraganari zerbait irakasteko gogoa, edo iraganaren "porrotak" erabiltzea guri zerbait irakasteko (eta hori, funtsean, gauza bera da). Badiourekin probatu nituen hainbat modu iraganarekiko erabiltzen zuen paradigma pedagogikoa saihesteko. Esan nion nola Komunan bizi zirenentzat benetako askatasun-sentsazio bat sortu zen, baita elkartasun-sare bat ere. Aipatu nituen zabaldu zituen ideiak,orain kontuan har ditzakegunak gertaeraren izaera irudimentsuari esker. Komuna eta hura bukatu zuen estatu-krimena argi bereizteko beharraren gainean hitz egin nuen. Eta, hori guztia esan arren, Médiapart ek –eztabaidaren anfitrioiak– "Komunaren lezioak" izenburuarekin argitaratu zuen elkarrizketa ! "Pentsamendu progresista askok oraindik ere funtzionatzen du lortu beharreko helburuen proiektu bat balego bezala, posible balitz bezala helburu horiek zehazki definitzea" Horrek guztiak, nire ustez, zera erakusten du: askatasunaren inguruko pentsamendu progresista askok oraindik ere lortu beharreko helburuen proiektu bat balego bezala funtzionatzen duela, posible balitz bezala helburu horiek zehazki definitzea eta, ondoren, lortu diren ala ez modu objektiboan neurtzea, horretarako betiko estandarrak edo 2017an prestatutakoak erabiliz. Noski, plazer handia sortzen digu gure buruari ahalmena emateak erabakitzeko une zehatz batean egingarria, ezinezkoa, egiteko goizegi edo beranduegi, zaharkitua edo ez-bideragarria zer den. Baina jarrera hori hartzen dugunean, artearen eta politikagintzaren alde esperimentalak galtzen dira. Atzean utzi behar izan ditut deskribatu dudan balantze-logika horren aztarna guztiak Komuna asmakizun politikoaren laborategi gisa aztertzeko, eta ikusteko jende arruntak, elkarrekin lan eginez, beren aferak kudeatzeko abiarazten dituen ahalmenak. Liburuan 1871ko matxinada baino lehen gertatutako aldaketa kontzeptual bati erreferentzia egiten dio: klubetan eta elkarteetan gauzatu ziren herri-bileretan jendeak "herritar" esaten zion elkarri. Esaten duzu xehetasun txiki horiek –historiografia tradizionalaren arabera Komunaren abiapuntua baino askoz lehenago gertatu zirenak– gizartearekiko konnotazio sakonak zituela. Badago Komuna ulertzerik klase ertainaren kategoria tradizionalean sartzen ez ziren subjektibotasun berri horiek gabe?    Fikziozkoa izan ala ez, narratiba baten marko garrantzitsuena haren hasiera edo amaiera da. Gertaera bat narratzeko marko kronologikoa irekitzea eraginkorra da "gertatutakoa" ulertzeko modua eraldatzeko: ikuspuntu sozial edo geografikoa zabaltzen du, eta esperientzia-panorama zabalagoa eskaintzen digu, lehenago ezagutzen edo kontuan hartzen ez genituen eskualdeak edo parte-hartzaileak, esaterako. Beste leku batetik hasita, mugimendu askatzailearen garapenaren alde berri bat ikus dezakegu, eta horren gainean zerbait esan; gertaera baten hasieraren inguruan finkatu diren mito guztiak "desnaturalizatzen" ditu. Gertaera bezala, Parisko Komunak erronka berezi bat planteatzen digu: Claude Royk behin esan zuen bezala, ez dago beste gertaerarik, hain zurrun zedarritua eta beregaina izanik, hain zehazki betetzen dituenik tragedia-generoaren hiru ezaugarriak: lekua, denbora eta ekintza. Hirurogeita hamabi egun hiri-harresien barnean, kataklismo odoltsu eta sutsu batean bukatu zirenak. Estatua trakets saiatu zen Parisko langileak desarmatzen, atzera egin zuen eta Komuna aldarrikatu zen. Beste hitz batzuetan esanda, estatuaren tenporalitatea eten egin zen, eta, gero, hirurogeita hamabi egunen ondoren, milaka langile sarraskitu ondoren, berriz hasi zen. "Estatuaren tenporalitatea" aipatu duzu. Ideia hori apur bat gehiago gara zenezake? Normalean kontatzen den narrazioaren arazoa zera da, estatuarekin hasten dela eta estatuarekin amaitzen dela. Azkenean, estatu-narrazio bihurtzen da. Niretzat estatuek egiten dutena interesgarria da, baina interesgarriagoa iruditzen zait ohiko hasierarekin –martxoaren 18a eta kanoien afera– ez abiatzea eta, horren ordez, Inperioaren bukaeran hirian loratu ziren langile-bilerekin hastea eta bilera horien fenomenologia birsortzea: lehenengo aldiz bildu ziren auzoko taldeetan paristarrak eta paristarrak ez zirenak, 1848ko militante zaharrak eta Internazionaleko kide gazteak, gizonezkoak eta emakumezkoak, guztiak; eta inoiz hitz egin ez zuten langile batzuek hitza hartu zuten. Bilera horien esperientziatik –elkarlanaren eta kooperazioaren printzipioen araberako bizimoduaren entsegu ziren harreman berrietatik– giza komuna edo halako zerbait sortzeko gogoa jaio zen. Bileren egitura eta ohiturak Komunaren enbrioia edo silueta ziren eta, hori zela-eta, Arthur Arnould komuneroak adierazi zuen Komuna dagoeneko existitzen zela , Paris bere aferak nola antolatzen ari zen ikusita. Une horretatik aurrera birkontatu egiten da Komunaren historia, eta haren kausalitatea atera egiten da atzerriko indar baten aurkako gerra-egoeratik: lehenago esaten zen gabezia materialek, zoologikoko animaliak jateak eta abertzaletasun frustratuak eraman zituela langileak matxinadara. Orain Prusiako gerra momentu soil bihurtzen da askoz ere garrantzitsuagoa den gertaera politiko eta tenporal batean, hots, abian den gerra zibilean. Eta, gerra eta abertzaletasuna bistatik desagertzen direnez, garaiko langileen kulturan zeuden asmo internazionalistak ikusten has gaitezke, komuna sozial baten euskarri zirenak. May '68 and Its Afterlives liburuan ere 68ko maiatzari buruzko narrazio historiko tradizionalak auzitan jartzen saiatzen zarela iruditzen zaigu. Frantziako 1968ko maiatzari buruzko ikerlanari ekin nionean, frantses askok esan zidaten 1960ko hamarkadaren hasieran Aljeriako gerraren bukaeran Parisen gertatu zen bortizkeriak ez zuela zerikusirik urte batzuk geroago gertatu zen ikasle-matxinadarekin. Pertsona askorentzat, 1960ko hamarkadaren hasiera istilutsuaren eta hamarkada bukaerako lasaikeriaren artean amildegi izugarria zegoen, eta amildegi horrek gisa honetako kazetaritza-topikoak sorrarazi zituen: "1968a zeru lasai batetik ateratako tximista izan zen". Ikasleekin hasi beharrean, 1960ko hamarkadako lehen masa- matxinadarekin hastea erabaki nuen, hots, 1961eko urriaren 17an aljeriarrek etxeratze-deiaren aurka egindako manifestazioarekin. Hortik hasita, lortu zen jarraipen bideragarri bat ikasle-aktibisten –minoritarioak, bai, baina garrantzitsuak– eta aurretik izandako nazio-askatasun ahaleginen eta ahalegin antikolonialisten artean; izan ere, segida hori lehen ikusezina zen, "Frantzia aspertuta zegoela" eta tankerako topiko batzuen eraginez. Esan gabe doa, hortik hastearen abantaila da markoa nazio-narrazio estu batetik ateratzen dela –eta 1968koa bezalako mundu-gertaerekin horrela jokatu beharra dago–. "Narrazio politiko askoren arazoa zera da: estatuarekin hasten direla eta estatuarekin amaitzen. Estatu-narrazio bihurtzen dira" Baina amaierak ere garrantzitsuak dira. Niretzat, narrazio bat non hasi eta non amaitu ez da kronologia hutsean oinarritzen, ezta, datei dagokienez, afera historizista estu batean ere; niretzat kontua zera da, ondare eta transmisio politikoetan duten eragina eta horien inguruko eztabaidak –eta horiek guztiak borroka politikoaren osagai dira–. Adibide bat jarriko dizuet. 1968ko gertaerak oroitzeko hainbat narrazio argitaratu ziren 2008an, eta horietako batzuek –esaterako, Artières eta Zancarini-Fournelena– Aljeriako gertaerak 1968ko historian sartzen hasi ziren. Baina proposatu zuten iraupenak harrituta utzi ninduen: 1968ko urteak, haien arabera, 1981ean bukatu ziren, François Mitterrandek hauteskundeak irabazi zituenean. Zergatik erabili estatuaren irizpideak – "la politique des politiciens" – segida erradikal baten amaiera markatzeko? Beste behin ere, estatu-narrazioak lehentasuna exijitzen du –ez du onartzen bestelako narraziorik eta horien denbora-aldarrikapenik–. Eta historialariek amore ematen dute. Ziur nago maiatzeko urteak hori baino lehen bukatu zirela; batetik, gutxi analizatu diren Lip eta Larzac-eko mugimendu handiekin; eta bestetik, totalitarismoaren aurkako mugimendu malenkoniatsu eta oportunistaranzko aldaketarekin, 68az damutu zirenek eta Filosofo Berriek –maiz pertsona berek– abiarazi zutena. Garrantzitsua da 1968ko oldarra hor bukatu zela ikustea: hartara, 1995etik aurrera agertu ziren kapitalismoaren aurkako mugimenduak argiago ikusten dira; eta, Larzac, adibidez, baliabide edo artxibo erabilgarri bihurtu zen Notre-Dame-des-Landes gisako mugimenduentzat. Historialariek erabaki zuten 1968an barneratzea 1970eko hamarkada erdian gertatutako kontrairaultza –Frantziaren desmarxifikazioa eta "totalitarismoaren aurkako ezkertiarren igoera"–, argi utzi gabe kontra-iraultza zela; horrek itxaropen gutxi ematen digu 2018an izango ditugun liburuekin. 1871ko gertakariek irudikapen ugari izan dute geroztik. Ikusgarrienetako bat, Jacques Tardiren 'Le cri du peuple' komiki sortan aurkitzen dugu. Komuna Frantziako errepublikaren historian sartzea zalantzan jartzen duzu. Aitzitik, komuneroen nazioarteko irudia azpimarratzen duzu: Errepublika Unibertsala. Antzekotasunik ikusten al duzu M15 mugimenduarekin edo Occupy Wall Streetekin? Mugimendu horiek inguru nazionaletara mugatuak ziren, baina aldaketa globalaren alde borrokatu ziren. Nortzuk dira, zure iritziz, Komunaren benetako nazioarteko izaerari ondoen jarraitu ziotenak? Bertako mugimenduak, kokapen geografiko zehatzak dituztenak eta lurralde batean mugatuak direnak oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Beharbada paradoxa da, baina uste dut errealitatearekin harremana duten mugimendu mugatu horiek dituztela ondorio internazionalenak eta zentrifugoenak; hain zuzen ere, errealitatearekin harremana dutelako. Jendearen eguneroko bizitzekin duten harremanak autoritatea ematen die mugimendu horiei, baita erreberberazio-ahalmena ere. David Harveyk gai honi buruzko ikuspuntu interesgarriak ditu: esaten digu borroka geografikoek "hau ala bestea" motako dialektika sortzen dutela, Hegelianismoaren dialektika transzendentalarekin harreman gutxi duena. Eskatzen dute erabaki politikoa, existentziala. Arazoa ez da teorikoa, borrokatu behar den etsai bat dago, besterik ez. Landa-eremuan aireportu bat eraikiko den ala ez. Alpeetan 90 kilometroko tunel bat zulatuko den ala ez. Itzulpen bat bukatu berri dut, baita liburu baten hitzaurrea ere, Notre-Dame-des-Landesko ZAD talde batena, haien eta Italiako iparraldeko NoTAVen –Alpeetan barrena eraiki nahi den AHTren aurkako mugimenduaren– borrokaren ingurukoa. ZADa, jakingo duzuen bezala, abian dagoen komuna antzeko bat da: hain zuzen ere, Frantziako mendebaldean eraiki nahi den aireportuaren aurkako okupazioa da, eta, egun, Frantzian luzeen dirauen borroka. Joan den udaberrian ZADeko biztanleek bertara joateko gonbita egin zidaten, 1871ko matxinadaz geroztik izandako jarraipenez eta etenez eztabaidatzera, bai eta gaur egun Notre-Dame-des-Landesen gertatzen ari denaren inguruan ere. Ederki egon ginen ZADen sortzen saiatzen ari direnaren testuinguruan "luxu komunalaren" ideiaz pentsatzen. Uste dut oso mugatuak diren mugimendu mota horiek (ZADak 1.650 hektarea baino ez ditu) nazioartekoak direla oso, estatuekin dituzten borroka eredugarriengatik, baita sortzen ari diren inteligentzia politikoko modu berriagatik ere. Denboran zehar iraun dute –eta hori ez zen gertatu beste kasu batzuetan, hala nola Taksim, Occupy edo Madrilen, guztiak hiriguneetan gertatutako okupazioak, ez kasualitatez–. Landa-eremuetan gertatzen diren mugimendu garaikideak aipatu dituzu, eta Parisko komuneroek landako langileekin harremanak sortzeko ahaleginek garrantzi handia dute zure liburuan. Gaur egun "eskuin mutur berrien" diskurtsoaren garapena ikusten ari gara, Front Nationalek langile-klaseak erakartzen ditu eta AEBetako Alt-Right-ak "hirietako elite liberalen" aurkako diskurtsoa darabil. Landa-eremuaren eta hiriaren arteko banaketaren aurkako estrategiak lantzea premiazko zeregina al da? Front National eta AEBetako Alt-Right bezalako "eskuin mutur berrien" diskurtsoak landa-eremuan jaio al ziren galdetzen didazue, baina nik agertu berri den gauza bat azpimarratu nahi nuke: landako bizimodu berri bat, oso alternatiboa eta borrokalaria dena, Frantzian behintzat. Landa-bizitza hori nekazaritza industrialaren aurka dago, nekazaritza-eremuak suntsitzearen aurka, uraren eta beste baliabideen pribatizazioaren aurka, eta estatuak, enpresa multinazional erraldoiekin batera, alimaleko azpiegitura-proiektuak (hitzarmen publiko-pribatuak) egitearen aurka. Ameriketan azpiegitura-proiektu "erraldoiak, inposatutakoak eta zentzugabekoak" okupatzen direnean, normalean bertako indigenek abiarazten dituzte ekintza horiek, hala nola, Standing Rock eta aurreko beste mugimendu batzuk, esaterako, Brasilen Xingu ibaiko presaren aurkakoa, edo Chiapas bera. Europan, aldiz, jende ugarik parte hartzen du mugimendu horietan –mojak, black block anarkistak…–, eta elkarrekin lan egiten ikasten dute, koalizio eraginkorra sortuz. Mugimendu horien iraupena da ezaugarririk deigarrienetakoa. Borroka zehatz batean murgilduta, okupatzaileak partekatzen dituzten balioez elikatzen dira, eta balio horiek bereziki heterogeneoak dira. Koalizioei eusteak elkarrekiko harreman mota berezia behar du, leku zehatzetan eta denboran zehar bakarrik gertatzen dena. Eguneroko bizitzaren alde praktikoak –eraikinak egitea, animaliak zaintzea, soroak landatzea, liburutegia antolatzea– ez du espero genezakeen ikuspuntu hertsirik sortzen. ZADa oso esperimentu soziala da, eta nahiz eta estatuarekiko sezesio mota bat izan –edo, agian, hori izateagatik–, ez dio bizkarra ematen gizarteari. Eguneroko bizitza-ekintzek –eguneroko bizitzaz birjabetzea eta horren arduradun osoa izatea– zentro esperimental bat sortzen dute, ikuspuntu bat, pertzepzio-engaiamendu aktibo bat munduko osagai guztiekin, non eskala txikiak ahalbidetzen digun guztion artean duguna birplanteatzea, eta, hori eginez, haragoko mundua arreta kritiko berri batez aztertzen dugun. Nire ustez, ZADa bezalako mugimendu bat –bidenabar, oso mugimendu feminista dena– mendearen bukaera aldera hasi eta dagoeneko martxan den sentsibilitate politikoaren aldaketaren seinale da. Urte horietan jendea konturatzen hasi zen desberdintasun sozialak aldatzeko ahalegina beste faktore batekin uztartu beharra zegoela: bizitzaren oinarri ekologiko eta bizidunak zaintzearekin. Kapitalismoak bizitza eskuartean hartzearen ondorioz sortutako larritasunari uko egin dio jende ugarik, ez gazteek soilik, eta ukazio orokor horren isla da ZADa. Baina, era berean, aurrerantzean, mugimendu politiko garrantzitsuetan bizidunekin ditugun harremanak mugimendu horien erdigune izango direla iradokitzen du. Zentzu horretan, joan den mendearen erdialdean, planetaren bizi-baldintzak borroka politikoaren esanahi berri eta ukaezin bihurtu ziren.   MATXINADAREN OSTEKO TEORIA Parisko Komuna eta 1968ko maiatza, itxuraz, elkarrengandik urrun dauden gertaerak dira, baina bien artean egiten dituzun loturak sinesgarriak dira oso. Nola da posible historiaz haraindiko oihartzun horiek gertatzea? Nire lehendabiziko ikerketa-lana, Rimbauden eta Parisko Komunaren inguruko mugimendu kulturalaren alorreko auziak lantzeko interesak eragina, 1968ko maiatzaren ikuspegitik sortua da, garai hartan irakurtzen nituen pentsalariak Henri Lefebvre eta Jacques Rancière zirenez –eta oraindik ere funtsezkoak dira nire pentsamenduan–. Baina kontuan hartu behar da literaturari, historiari eta prozesu historikoei buruz dudan pentsamendua 1970eko hamarkadako ekoizpen bat dela: 1968 ondorengo garaian jaioa, "historia behetik" ikusmoldearen garaian. Orduan egin nuen topo Rancièrek egindako lehendabiziko lanekin eta Révoltes logiques aldizkarikoekin, eta haietako batzuk itzuli nituen. Révoltes logiques aldizkaria ez zen bakarra izan historia beste modu batean idazteko ahaleginean –garai hartan historiografia-esperimentu asko egin ziren, eta haietako batzuen inguruan idatzi nuen May '68 and its Afterlives obran–. Hain zuzen ere, 1968ko ondorio nagusietako bat zera izan zen, eztabaida mamitsua sortu zela historia nork idatzi behar ote zuen, historia idazteko nork ote zuen prestakuntza egokia, eta zer modutan idatzi behar ote zen. Eta orduantxe agertu ziren historialari ez-profesionalak: Frantzian "historiens sauvages" deitzen zieten, Estatu Batuetan "historia behetik", Erresuma Batuan History Workshop Journal ... Historiografia ekarpen erradikal horiek izan ziren zure lanaren oinarria? Nire ustez –eta esango nuke beste askoren ustez ere baietz–, esperimentu horiek nolabaiteko elkartasuna ziren iragan politiko gertatu berri horrekin, lan mota batekin jarraitzeko aukera, nahiz eta lan hori egin kasurik egingo ez zion unibertsitate batentzat, edo, batzuetan, are lan hori mespretxatzen zuen unibertsitate batentzat. Beraz, Komunaren eta 1968ko maiatzaren arteko loturez galdezka hastean, lehenbizi kontuan hartu behar dira narrazio horiek marko batean kokatzeko aukerak, lotura horiek agerian egon daitezen. Historialari gehienek –haien lana gremio batena dela ulertzen dutenek eta, askotan, ikerketa historikoa oso modu estuan ulertzen dutenek– ez diote ikuspuntu hori ametitzen euren buruari. Beraz, alde horretatik, niretzat historialari-heziketa formalik ez izatea abantaila zen. Eta, hala, zorte handia izan nuen Kaliforniako Unibertsitateko Santa Cruz Campus "esperimentalean" ikasita –berez, 1968ko produktu bat zena–. Ikasleok landatzen genituen barazkiak jaten genituen kafetegian, eta ez zegoen notarik. Eta garai hartan –Vietnam, Kanbodiako bonbardaketa– gutako askok herri-militantziako jardueretan parte hartzen genuen. Horrek guztiak ez dauka antz handirik gaur egun ezagutzen dugun unibertsitatearekin. Nolakoa zen fakultatea? Metodo berritzaileei esker, Santa Cruz fakultateak diziplina askotako irakasle sorta bikaina erakarri zuen, eta nire irakasleen artean izan ziren, besteak beste, N.O. Brown klasizista freudomarxista eta inoiz haren lagun eta lehiakide Herbert Marcuse; Gregory Bateson eskizofreniaren teorialaria; Reyner Banham hiri-teorialaria; eta beste zenbait. Irakaslerik interesgarrienak –eta alde handiz, gainera– marxistak ziren edo, behintzat, teoria marxista ondo ezagutzen zuten materialistak. Gaurko arau akademikoen kaiolatik edo oskoletik ikusita –haztegi apartak baitira espezializaziorako eta oportunismorako–, konparazioan talde hura izugarri bizia zen. Brownek, bereziki, azpimarratu zuen desioaren gaia analisi marxista guztien aurre-aurrean izatearen garrantzia, eta aurkeztu zizkidan hainbat pentsalari bide hori argiztatzen lagunduko zidatenak, hala nola Walter Benjamin, Ernst Bloch, William Morris, baita Blake, Charles Olsen eta tankera horretako poetak ere. Baina graduondoko ikasketak bestelako kontua izan ziren. Yale Unibertsitatean ikasi nuen, eta une horretan testu-formalismo hiperintelektualizatua zen ikasgaien muina; hala, zaila egiten zitzaidan nire bidea aurkitzea, garrantzitsua zer zen ikustea. Zorionez, Fredric Jameson sartu zen fakultatean, eta aurretik jaso nuen heziketaren jarraipena berreskuratzen lagundu zidan, baita Lefebvreren lana erakutsi ere. Nire kasua adibide gisa erabilita, deskribatu nahi dudana da transmisio politikoaren indarra eta hauskortasuna, batez ere garai kontrairaultzaileetan. Horri dagokionez, oso interesgarria litzateke Frantzian Daniel Bensaid bezalako figura bat ikertzea. Deskribatzen duzun garaian historiaren teoria modu erradikalean birdefinitu zen. Baina Frantzian 1970eko hamarkada, aldi berean, iragana berridazteko unea izan zen, eta ez modu askatzailean, gainera. Rimbaud eta Komunaren gaineko nire ikerketei ekiten ari nintzaiela, Révoltes logiques agerkarian aurkitu nuen historia kultural hura bereziki zirraragarria zen niretzat, marxismoaren hurbiltze literala eta determinismo soziologikoa desmuntatzen baitzituen: gizarte-zientzialari progresistenen eta aktibista politikoen lanetan ere agertzen dira adierazpen estereotipiko horiek, bai lehen eta bai orain. Révoltes logiques aldizkarian, oinarria eta gainegitura ez zetozen bat modu agerian; apenas zegoen langile onen gaineko kontakizun eredugarririk, eta klase-harremanen arloa gaizkiulertuz josita zegoen. Bazirudien lana eta bizitza guk nahi baino askoz korapilatsuagoa, kontraesankorragoa eta konplexuagoa zela. "Hasieratik nire apustua zera izan zen: komuneroen ohiturak hobeto ikus genitzakeela poesiaren bitartez, gizarte-zientzialarien diskurtsoen bitartez baino" Baina 1968 osteko une hartan –ni hasten ari nintzen garaian, alegia–, laster ospetsu egingo ziren aktibista izandakoak uko egiten hasi ziren aurretik mugimenduan izandako parte-hartzeari; izan zen nolabaiteko urruntze-prozesu bat, Frantziako tradizio iraultzaile osoa modu errebisionistan berridatziko zuena. Frantziako Iraultza gertatu izan ez balitz bezala ari ziren berridazten, edo Amerikako Iraultza bihurtuz; errebisionisten asmoa zen genealogia bat sortzea, 1970eko hamarkadaren hasieran beraiek neoliberalismoa ontzat hartu izana esplikatzeko. 1968ko memoria ofizialaren zaintzaileak François Furet eta tankerako historialariekin batu ziren; zabaldu nahi zuten gizarte-aldaketen aldeko bultzada guztietan iragazten dela terrorea, eta historia iraultzailearen kontu horrek guztiak "pentsalari nagusien" boterea lortzeko asmoa baino ez daukala atzean. Gertaera iraultzaileak ezkutatzen ari ziren, eta euren gertaera-estatusa ukatu egiten zen, jarraipena eta homogeneotasuna lehenetsiz aurreikus ezin zitekeenaren eta kontingentziaren gainetik. Furet eta tankerako historialariak ez zebiltzan bakarrik horretan: gerra ondoko historiografia-eskola nagusiak ere, Annales eskolak, horretan jardun zuen. Nire ustez, iluntzen ari zen testuinguru politikoak oso galdera argi bat uzten zuen agerian: "Zer iragan, zer etorkizunetarako?". Totalitarismoaren aurkako ezkertiar izeneko horiek desagerrarazten zituzten uneek erakartzen ninduten: Parisko Komunak, esaterako, edo 1968ak berak. Arthur Rimbauden eta Komunaren kulturaren gainean lan eginez, uste nuen 1968ak ireki zuen pentsamendu- eta ekintza-subertsio arlo bati heltzen ari nintzaiola. Nire apustua zera zen: komuneroen ohiturak hobeto ikus genitzakeela poesiaren bitartez, gizarte-zientzialarien diskurtsoaren bitartez baino; eta Arthur Rimbauden lana hobeto argizta genezakeela langileek, zientzialariek, eskaleek eta geografoek sortzen zuten testuinguruan, beste poeta batzuek sortzen zuten testuinguruan baino. Poesia Komunako kulturaren bitartez errefraktatuta eta Komunako ekintzak, berriz, poesiaren bitartez, aukera izan nuen garai hartako literatur ikerketak lotzen zituen zepo postestrukturalistari eraso egiteko. Kasu batzuetan, "garaien arteko elkartasun" horrek oso forma zehatza zuen; Lefebvrek, esaterako, Komunaren gainean asko idatzi zuen. Beste kasu batzuetan, jatorrizko iturriekin harreman zuzenik gabe gertatzen zen. Horri dagokionez, Communal Luxury obran Reclus eta Bernard Lambert-en arteko lotura berezia aipatzen duzu. Bernard Lambert pertsona garrantzitsua zen mendebaldeko Frantzian. Baserritar autodidakta zen, eta 1971n testu klasiko bat idatzi zuen: Les Paysans dans la lutte de classes (Nekazariak klase-borrokan). Lambertek ez zuen inoiz Reclusekin lotura hori egin, eta ez dut uste inoiz irakurri ere egingo zuenik. Nik neuk egin nuen bi idazlan horien arteko lotura; hala, argudiatu nuen langileak eta baserritarrak modernitate kapitalistaren aurkako alde berean kokatu zituztela, eta estrategia erretoriko bera erabili zutela. Aipatzen duzuen "garaien arteko elkartasunaren" inguruan zera esan nahi nuen, Komunaren eta 1970eko hamarkadaren arteko urteek sentsibilitate berri baten hastapenekin izan zutela lotura, Élisée Reclus eta tankerako pertsonek gauzatu zutena, ekologikoa deitu behar dioguna, nahiz eta garai horretan halako hitzik erabili ez. Nolabaiteko pentsamendu ekologiko hori lozorroan geratu zen, eta ez zen berriro esnatu ehun urte geroago arte, hain zuzen, Murray Bookchin ekologiaren eta komuna-formaren pentsalari amerikar garrantzitsuak hari buruz idatzi zuen arte. Eta, kasu horretan ere, ez dakit Bookchinek Reclusen lana aztertu ote zuen edo ezagutu ere ezagutzen ote zuen. Deigarriena zera da, Reclusek garai hartan aferari buruz idatzi izana, inork ez baitzuen nekazaritza-gaiei buruz pentsatzen. Oso europar gutxik bisitatu zuten AEBetako mendebaldea, eta, Reclusek bezala, martxan ikusi. Zure liburuak irakurriz, ondoriozta liteke matxinada-mugimendu nagusiek pentsamendu kritikoa sorrarazten dutela. Errepikatu egiten al da egoera hori historian zehar? Ez zait harritzekoa iruditzen loraldi teoriko handiak sortzea matxinada handien eta gizarte-iraultzen ondoren –1968an edota Parisko Komunan bezala–. Eta ez da arraroa halako uneetan agertzen diren pentsamendu-lerro teorikoek elkarren antza izatea, edo gainjartzea, are oihartzun-sistemak sorraraztea; hori guztia espero izatekoa da, izan ere, tankera horretako gertaerek –Sartrek Vietnamgo gerraren gainean idatzi zuen bezala– "posibilitateen arloa irekitzen dute". Une horietan egiten du Estatuak atzera, haren tenporalitate politikoa apurtu edo eten egiten da, eta etekinen logikatik ihes egiten duten bizitza materiala antolatzeko formen existentzia ikusten hasten gara. Orduan, adituen arlotik ihes egiten duten eztabaidak gauzatzen dira, elkarrekin ditugun interesei buruzkoak. Eta, hori gertatzen denean, pertsonek euren bizitzaren jabe izatearen esperientzia ezagutzen dute berriro, soldataren esklabo izan ordez.
news
argia-038276014d4d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/aldartea.html
Aldartea
Estitxu Garai Artetxe
2017-04-30 00:00:00
Aldartea Emozioak egoera jakin eta zehatzari lotutako unean uneko erantzun afektiboak dira. Aldartea, berriz, egoera animiko iraunkorra da. Hortxe bien arteko aldea: bata neguko lorea da, besteak urte osoan dirau. Gertaera sozial eta politikoak ere izan daitezke emozio iturri. Asko oharkabean pasatzen diren arren, badira barrenak ziztatzen dizkiguten zenbait; pozarren, hunkituta, lur jota, atsekabetuta edo beldurrez uzten gaituztenak. Alabaina, gehienetan, sortu dituen gertaera atzean utzi ahala, emoziook urtuz doaz, desagertu arte. Osterantzean, denboraren joanean emozio bertsuak behin eta berriro sentituz gero, emozio horiek aldarte bihurtu daitezke, iraunkortu, alegia. Azken asteotan izan ditugu Euskal Herrian kirioak dantzan jarri dizkiguten jazoerak. Batetik, askotariko sentipenak eragin zituen apirilaren 8ko ETAren armagabetzeak. Sumatzen zen Baionan jendea unearen garrantziaren jakitun zela. Ez atzera eta ez aurrera katramilatuta zirudien korapiloari, lan, irudimen eta ausardiaz erantzun zioten Bakearen Artisauek, baita gerora engaiatu ziren herritar guztiek ere. Ezina, ekinez eta konpromisoz egina. Nago, neurri handi batean, Iparraldean urtetan landutako aldarteak egin zuela posible armagabetzea horrela gauzatzea. Euskal Elkargoa sortu berritan, konfiantza eta elkarlanerako giroan, gizarte zibila izan zen ekimenaren gidari, erakundeetako ordezkarien babesarekin. Alabaina, artisauek eurek adierazi zutenez, Baionakoa mugarri izan arren, beste urrats bat baino ez luke izan behar, herri gisa aurrera egiten jarraitzeko beta ekarri beharko lukeen urratsa. Hortaz, ikusteko dago uneko emoziotik harago izango duen bilakaera. Herri askotan galdeketak antolatzen dihardu Gure Esku Dagok. Albistegi eta solasaldietan parte-hartzearen ehunekoan jartzen ari dira arreta, baina ikuspegi horretan oinarrizko akatsa dago, galdeketak ez baitira bere horretan helburu, bitarteko baizik. Galdeketaren egunari barik, hurrengo egunari erreparatu beharko genioke, herri horietan galdeketa antolatu izanak utzi duen ondorenari Baionako biharamunean bukatu zen 20. Korrika. Zein eta inoizko Korrika arrakastatsuena, non eta aldaketaren Iruñean eta Nafarroan. Euskaltzaleok hunkituta barne-barnean sentitu genuen eguna izan zen, eguzki eta giro alaiz jantzita. Korrikan inoiz baino jende gehiagok parte hartu izana ez da hutsaren hurrengoa, ezta ere Nafarroako eta Iparraldeko erakundeetan euskararen aldeko jarrera duten agintariak egotea. Hala ere, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak adierazi duen bezala, Korrika jai hutsean gera ez dadin gogoeta egin behar da orain, hamaika egunez gure herriak gurutzatu dituen indarra praktikan euskararen hauspo bilaka dadin. Bestalde, Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan hasitako bidetik, herri askotan galdeketak antolatzen dihardu Gure Esku Dagok. Albistegi eta solasaldietan parte-hartzearen ehunekoan jartzen ari dira arreta, baina ikuspegi horretan oinarrizko akatsa dago, galdeketak ez baitira bere horretan helburu, bitarteko baizik. Galdeketaren egunari barik, hurrengo egunari erreparatu beharko genioke, herri horietan galdeketa antolatu izanak utzi duen ondorenari. Alegia, ikustea ea prozesua bera aldarte sorrarazle izan ote den, balio izan ote duten aktibaziorako. Sugarra bizirik mantendu ezean alferrikakoa izango baita egindako lana. Gure herriaren harilkatzean azken boladan gertatuko ekitaldiak dira jarritako adibideok. Kontua da, horiek guztiak gertaera isolatutzat hartzen baditugu, uneko beroaldi eta emozioan geratuko direla. Eta burumakur bolada luzea eman ostean, guk ere badugu emozio puntualetatik harago indartuko gaituen aldarte kolektiboaren premia. Izan ere, aldarteak ekintzara darama, eta egiturazko jardun iraunkorrek mugitzen dituzte errotak. Herri honek bere onena jada eman duela pentsatzetik, onena etortzear dagoela sinestera pasa behar dugu, eta horretan gogo betean eta gogotik aritu. Herri aldarte gabe, nekez izango baikara herri.
news
argia-4e5a7ddda737
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/heloise-nio-etorkinen-aldean.html
"Denok egin dezakegu zerbait etorkinen laguntzeko"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-04-30 00:00:00
"Denok egin dezakegu zerbait etorkinen laguntzeko" Parisera helduriko etorkinen ibilbideak eta bizipenak askotarikoak izanda ere, elementu bat dute gehienek partekatzen: frantsesa ikasteko beharra. Iritsitako herriko hizkuntza menperatzeak errazten duelako trabaz beteriko bidea. Behar horri erantzun nahian, Thot izeneko frantses hizkuntza eskola sortu zuen Parisen bizi den Heloise Nio kanboarrak, beste birekin batera. Etorkinen egoera okertuz joango dela erranik, elkartasun sarea antolatzeko premia ikusten du. "Non ikas dezakegu frantsesa" galdera usu entzuten duzu. Eskaera izugarria da eta Thot eskolak parte batean erantzun arren, ez dugu guztia asetzen. Ikastaro honetan 80 kandidatura onartu ditugu, jakinik 45 toki ditugula. Lehen ikastaroko lekuak 10-12 orduz bete ziren, bigarrenerako bost orduz eta azken honetan 50 minutuz! Kurtso intentsiboak proposatzen dabiltzan irakasle profesionalak ditugu. Lau hilabetez 160 orduko kurtsoa. Horrez gain, eguneroko beste beharretan ere laguntzen ditugu: administraziorako, arlo juridikorako, profesionalerako edota emozionalerako. Horrela kurtsoan direnean, beste kezkek toki gutxiago hartzen dute izpirituan. Hori erranda ere, dena konpontzen dugula erraiteko pretentsiorik ez dugu. Izan paperekin ala paper gabe, denak onartzen dituzue? Papergabeentzat konplikatuagoa da. Berez gu asilo babesa lortzeko desmartxan direnekin gara harremanetan. Hots, babes eskubidea eskatzen dabiltzanekin, errefuxiatuekin edota dublinatuekin, hau da, Europara sartzerakoan hatz markak Europako beste herri batean utzi dituztenak eta Dublineko hitzarmenari segi, asilo eskaera herri horretan egin behar izaten dutenekin. Asiloaren errefusa baldin badute, papergabeekin gara ikastaro bukaeran, baina hori ez da arazo bat. Orokortasunik ezin dela egin jakinda ere, Frantziara heltzen diren etorkinen sentimendua zein da? Bakoitzak du bere ikuspuntua eta ibilbidea. Hala ere, nahiko orokorra den sentimendua da ez dutela sekula amore ematen! Nahiz eta sekulakoa ikusi eta bizi izan, beti aitzina doaz. Herria utzirik, sekulako bidaia luze hori eginik, ondotik, Frantziako fase lazgarria dute pairatu behar. Sekulakoa da eta ezin dugu geure burua haien lekuan imajinatu. Batzuetan kexu dira, zaila zaielako, baina hala ere beti zutik. Batzuk haserre dira, entzun izan zutelako askatasunaren eta berdintasunaren herria dela Frantzia, baina azkenean ez dutelako batere hori bizi. Beste batzuek diote Frantzian direnetik dena ongi doala, urrezko pertsonak kausitu dituztela. Behin, bati galdetu nion zerk markatu zuen Frantzian eta poliziak zintzoak direla izan zen erantzuna. Halakorik ezin dut erran, baina ulertu behar da Afganistanetik zetorrela, Bulgariatik eta Serbiatik pasa zela, etorkinak hiltzeko poliziak txakurrak bidaltzen dituen herrietatik. Gure ikasleak zailtasun guztiez kontziente dira, ageri ez den arrazakeria ikusten dute, baina elkartasuna ere bai. Noski, kanpoan lo direnentzat biziki zaila da, akiduraz ezinduak dira. Komunikabide handiak behatuz gero, frantsesek etorkinik ez dutela nahi pentsa daiteke.  Thot sortzerakoan kasu egiteko aholkua eman ziguten anitzek. Baina azkenean, ez dugu kasik sekula erasorik ukan, betiko "frantsesa ez dakiten frantsesentzat zer egiten duzue?" esaldiaz aparte. Egia erran, baikorki harrituak izan gara, sekulako harrera ona jaso genuelako: 40 egunez 66.000 euro bildu genituen herri finantzaketari esker! Askok eskertzen ziguten, etorkinen alde zerbait egiteko aukera eman genielako. Laguntzaile izateko eskaerak ditugu ia egunero. Instituzioen partetik ere ez dugu inoiz interesik eza sentitu. Beraz, uste dut hala ere etorkinen egoeraz axola dutela frantsesek. Nahiz eta aurkakoak anitz aipatu, gutxiengoa direla uste dut. Baina, harrera izpiritua nagusitzen dela erraiteak ez du erran nahi etsaigorik ez dela. Zer nolako geroa ikusten duzu etorkinentzat? Egia erran, biziki beldur naiz haientzat. Hasteko, Frantziako hauteskundeek zer emanen duten ez delako argi. Nahiz eta alderdi batek guztia erabat ezin aldatu, beldurgarria da. Hotzikara sortzen dit jakiteak Hungariak etorkinak sistematikoki atxilotzen dituela. Etorkinen aurkako politikak pasaraztea lortzen dute gobernuek. Adibidez, lehen Italiako itsas armadak Mediterraneotik ateratzen zituen, orain Libiara edota Turkiara bidaltzen ditu. Asilo babesaren onartze tasa %30ekoa da eta iduriz 2017an are ahulagoa izanen da. Geroa ez dute alaia ukanen, giroa urtez urte okertuz doalako. Haien herrietara bidaltzen dira geroz eta gehiago, ihes egin behar izan duten herrira. Horren parean, zer egin? Beldurgarri diren politika horien aurrean eta menperatzen ez ditugun gai horien aurrean segurtasuna ematen digu guk geuk zerbait egiteak. Thot eskola sortuz ikasi dut bakoitzak egin dezakeela zerbait. Milaka eta milaka etorkin daude egoera zinez kaskar eta beltzean, baina badakit ere horietarik batzuk gure eskolan direla eta aterako direla edo behintzat, hizkuntza jakinik egoera hobe batean izanen direla. Gobernuek edota aurkakoek diotenaren parean edo laguntza beharraren handitasun izugarriaren parean ez da durduzatu behar. Denok egin dezakegu zerbait etorkinen laguntzeko.
news
argia-ab4aaebc5f0d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/manifestazioek-eta-istiluek-ez-dute-etenik-venezuelako-gatazka-mediatizatuan.html
Manifestazioek eta istiluek ez dute etenik Venezuelako gatazka mediatizatuan
Ane Eslava Serrano
2017-04-20 00:00:00
Manifestazioek eta istiluek ez dute etenik Venezuelako gatazka mediatizatuan Chavismoa eta oposizioa protesta egitera irten dira Venezuelako kaleetara eta hiru hildako eta hamarnaka zauritu eta atxilotu izan dira. Oposizioak Nicolas Maduro presidenteak kargua uztea eskatu du eta Gobernuaren aldekoek, aldiz, hura defendatu eta estatu kolpe saiakera salatu dute. Madurok elkarrizketarako deia egin du eta Henrique Caprilesek manifestazioekin jarraitzekoa. Apirilaren 19an independentziaren aldeko borrokaren hasiera ospatzen dute urtero Venezuelan eta aurten kalera irteteko erabili dute jai eguna chavismoak zein oposizioak. Herrialde osoan egin dituzte martxak eta Caracasen istiluak izan dira oposizioko manifestariak eraikin ofizialen zonaldera iristen saiatu direnean. Hiru hildako egon dira, 24 urteko neska bat, 19 urteko mutil bat eta Polizia Nazional Bolivartarreko militar bat. Gertatutakoaren inguruko bertsioak ugariak dira. Oposizioaren esanetan, hildako gazteak oposizioko kideak ziren eta manifestazio bitarteko istiluetan hil dituzte, tiroz. El Universal egunkariak, berriz, jakinarazi du hildako neskaren senideek esan dutela hura ez zegoela manifestazioan. Horrez gain, mutilaren anaiak esan du hura ez zela oposiziokoa.  Bien bitartean, Nicolas Madurok elkarrizketarako deia luzatu die oposizioaren bozeramaileei eta "indarkeriarekin eta kolpismoarekin amaitzeko" eskatu die. Tareck El Aissami Gobernuko presidenteordeak esan du oposizioko buruek planifikatu eta finantzatu dituztela kaleko istiluak, nazioarteko iritzian eragiteko eta esku-hartze bat justifikatzeko. Henrique Capriles oposizioko buruak, ordea, manifestazio gehiago deitu ditu aste honetarako. Venezuelako Gobernuaren aldekoen eta aurkakoen arteko gerra mediatikoa geroz eta gogorragoa da. Pascual Serrano kazetariak salatu du nazioarteko medioek informazioa manipulatzen dutela, Nicolás Maduroren Gobernua "manifestari baketsuen errepresiogile" bezala erakusteko eta "istiluen goratzea" egiteko.
news
argia-ad21d4aa560c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/lanean-kontzentratzeko-tramankulua.html
Lanean kontzentratzeko tramankulua
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-04-30 00:00:00
Lanean kontzentratzeko tramankulua Hugo Gernsback (1884-1967) idazle eta asmatzaileak The Isolator izeneko gailua patentatu eta aurkeztu zuen 1925ean. Izenak dioen bezala, kasko nabarmen horrek erabiltzailea isolatzen zuen soinuetatik, ikusmen periferikoa mugatzen zuen eta, hala, arreta lanean jartzen laguntzen zion. Oxigeno botila bat ere bazeukan, erabiltzailea arnasteaz ere kezka ez zedin. Zientzia fikzio modernoaren aitzindari izan zen Hugo Gernsback. Besteak beste, Amazing Stories aldizkaria sortu zuen. Eta Zientzia Fikziozko Munduko Konbentzioak banatzen dituen sariak Hugo dute izena haren omenez. Baina kasko isolatzaileak ez zuen arrakastarik izan. Zergatik ote?
news
argia-6122296546c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/eztenak-kendutakoa-eztenaz-osatu.html
Eztenak kendutakoa, eztenaz osatu
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-04-30 00:00:00
Eztenak kendutakoa, eztenaz osatu Coupvray (Frantzia), 1809ko urtarrilaren 4a. Louis Braille jaio zen Paris inguruko herrixkan. Hiru urte zituela, aitaren lantegian jolasean, larrua lantzeko ezten edo puntzoi batekin begi bat zauritu zuen. Zauria gaiztotu eta infekzioak beste begia hartu zion handik aste batzuetara. Azkenean, haurrak infekzioa gainditu zuen, baina ikusmena betiko galdu zuen bi begietan. Mutikoaren jakinminak eta gurasoen jarrera egokiak bultzatuta, Louis Braille Parisko Gazte Itsuentzako Institutu Nazionalean onartu zuten hamar urterekin. Eskola aitzindaria izanagatik, metodoak ez ziren oso berritzaileak eta, nagusiki, irakasleak ahoz komunikatzen ziren ikasleekin. Valentin Haüy eskolaren sortzaileak asmatutako sistemaren bidez irakurtzen ere irakasten zieten. Haüyren liburuak latindar alfabetoan eta erliebean zeuden idatzita. Garestiak, astunak, urriak eta irakurtzen zailak ziren eta, halabeharrez, informazio gutxi jasotzen zuten. Sistemaren muga nagusia zen begien hizkuntza erabiltzen zuela hatzentzat. Eskolan zeuden hamalau liburuak behin eta berriro irakurri ondoren, Braillek ukimenaren bidez irakurtzeko –eta, zergatik ez, idazteko– sistema berria nahi zuen. Hala, hamabi urte zituela Charles Barbier kapitainaren berri izan zuen. Batzuek diote lagun batek irakurri zion artikulu batean izan zuela haren berri; beste batzuen arabera, Barbier bera hurbildu zen eskolara, gerran ilunpean komunikatzeko erabiltzen zuten sistema azaltzera. Hamabi puntuz eta marratxoz osatutako kodea erabiltzen omen zuten, Paper lodian markatzen zituzten zeinuak eta soldaduek, gudu-zelaian, hatzez irakur zitzaketen mezuak, ilunpean eta isil-isilik. Hamabost urte betetzerako, Braillek soldaduen sistema egokitua eta hobetua zeukan. Irakurtzen zailak ziren marratxoak kendu zituen, kodea sei erliebedun puntutara mugatu zuen eta letrak zuzen eta bereiz idazteko eta irakurtzeko eredua sortu zuen. Idazteko eztena erabiltzen zuen, haurtzaroan itsutu zuen tresna bera. 1852an hil artean, Louis Braille Itsuentzako Institutuan aritu zen irakasle. Baina sekula ez zioten aukerarik eman bere sistema erabiltzeko.
news
argia-34541ee4fa86
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/metal-kapital.html
Metal kapital
Andrea Zubozki
2017-04-30 00:00:00
Metal kapital BURU BELTZ FEST Suhuskunen, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean. Lekuko ardi arraza baten izena duen festibalak, bigarren edizio arrakastatsua lortu du, dudarik gabe. Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean, hainbat taldek Suhuskuneko herriko gela inarrosi digute. Xehetasunetan sartu aitzin, argitasun pixka bat gertakari honi buruz: 2010eko hamarkada horren hastapenean, Suhuskune, metalaren kapital izendatzen dute bertan entsaiatzen duten musika taldeek. Iparraldeko hitza -ko 2011ko martxoko artikulu batean, lehen orrialdea betetzen dute metaleroek Suhuskuneko plazan. Death metal-etik post hardcore-raino, arrabotsaren maitaleek haien kapitala aurkitu dute. Buru Beltz Fest festibalak Suhuskune herriaren historia oraindik urrunago eramaten digu, bi eguneko metal festibala bertan antolatuz.     Larunbatean egin nuen itzuli bat, eta lehendabizi, bezperan aritu zen Meltdown talde hernaniarrari buruz konplimendu frango entzun nituen (beste aldi batean ikusteko).     Larunbateko egitaraua bi bertsio talderekin hasi zaigu; Bu ta gaz (su ta gar) eta Black Xalbbath (Black sabbath. Iron Eta Maider-eko musikarien proiektu berria). Metaleroen nostalgia nahiko ongi nahasten zen garagardoarekin! Ondotik, Kuartz stoner taldeak, Urdamendiko (Suhuskuneko mendi bat) basamortuetaraino bidaia eginarazi digu. Gaualdian aitzina, Prophetic Scourge-ek zafraldi polita eman digu, death metal ultra tekniko eta ilun batekin.     Zarauztarrek segitu dute ondotik;  Anestesia. Erran gabe doa jendea horren zain zela. Mikel Kazalisek bere motozerra piztu duelarik, publikoa elkarri pogo-kolpeka hasi da. Atabalaren kolpeak pok-pok-pok-pok-pok, Suhuskuneko urtzateietako tirokadak baino bizkorrago ibiltzen ziren. Infernua ordu eta erdiz. Anestesiaren kontzertu bat, beti bikaina da, harrigarria. Talde horrek zerbait profetikoa darama.     Sekula utzi ez duten arren, oholtza gainean agertzen diren aldi oroz, bersortze baten itxura dute. Eta publikoa beti liluratuta gelditzen da talde horren aitzinean, begiak zabal-zabalik. Ez naiz hori baino gehiago luzatuko Anestesiari buruz, ez dut uste nehorren konbentzitzerik baden!     Ibiakoitzeko gaualdiari bukaera eman dio Xixtor of a down taldeak (System of a down-en bertsioak). Haiek ere oso onak. Ahanzten nuen bertsio talde bat zela eta egia esan "SOAD" baino askoz hobeto aritzen dira oholtza gainean!     Buru Beltz Festek programazio ederra eta kalitatezkoa eskaini digu. Suhuskundarrek lo egiten ahal dute lasai, kapitala biziko da!
news
argia-8e45b570ff1c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/zinema-aretoetan-iragarkiak-ez-eskerrik-asko.html
Zinema aretoetan iragarkiak? Ez, eskerrik asko
Gaizka Izagirre
2017-04-30 00:00:00
Zinema aretoetan iragarkiak? Ez, eskerrik asko Geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da zinema aretora sartu eta, filma hasi aurretik iragarki publizitarioak tonaka irentsi behar izatea. Non geratzen dira ikus-entzuleen eskubideak? Hego Euskal Herrian gai honekin lotutako legedia zertan den errepasatu dugu. Ostirala, 17:55. Donostialdeko merkatal gune ezagun bateko zinema areto batean eserita nago Logan filma hasteko itxaroten. Leihatilako ordutegi zerrenden arabera, filmak 18:00 hasi beharko luke. 18:02, argiak itzali dira. Iragarki bat. 18:05 hirugarren spot-a. Altzari, kotxe eta lurrin marka guztien errepasoa egin ostean, pantaila belztu eta 18:20 inguru filmaren hasierako tituluak ageri dira. "Sinestezina eta lotsagarria", horiek dira buruan etengabe bueltaka dauzkadan bi adjektiboak. Zenbatetan gertatu zaizue hau? Niri askotan eta nazkatuta nago. Eta kontuz, ez naiz hurrengo hilabeteetan iritsiko diren ekoizpenen trailerrez ari, telebista konbentzionalean normalean ikusten ditugun iragarki horietaz baizik. Goazen pausoz pauso. Kate horien barruan lanean dabilen lagun batek aitortu zidanez, bezeroek jartzen dituzten erreklamazio eta kexa gehienak gai honekin lotutakoak izaten dira. Jokabide onen kode moduko bat existitzen dela dio eta ezin omen dira iragarkiak txertatu 20 minututik gora. Baina legedira joz gero, ez al dago hau erregulatzen duen araudirik? Niri behintzat, zalantzagarria iruditzen zait sarrerengatik 8 euro ordaintzea eta gainera amaigabeko iragarki-zerrendak irenstea. Telebistako iragarkiak ikustean, trukean "doako" saio bat jasotzen duzu. Zineman sarrera ordaindu baduzu, zergatik ikusi behar duzu 20 minutuko publizitate-tartea filma hasi aurretik? Zalantzagarria bai, baina tamalez, legala. Duela ia urtebete, "Zineman publizitate kode etiko" berri bat sinatu zuten Espainiako Estatuan (aurreko legedia 2001 urtekoa zen). Komunikazio Komertzialaren Autoerregulaziorako Elkarte espainiarraz gain, areto hauen publizitatea kontrolatzen duten agentzia esklusibistek sinatu zuten akordio hori, Movierecordek, Discinek eta 014 Mediak. Lege berri horren arabera, "publizitateak leiala, zintzoa eta egiazkoa izan behar du. Ezingo dira pertsonen duintasunaren aurkako irudiak jarri, diskriminatzaileak direnak edo legez kanpoko ekintzak egitera bultzatzen duten mezuak dituztenak". Hiru zatitan banaturiko arau berezien tarte bat ere topatu daiteke. Kodearen barruan ageri diren printzipio batzuk errespetatuz, adingabeentzako filmak baino lehen emititzen dituzten iragarkiek ezingo diete kalte mental, fisiko ala moralik eragin. Edari alkoholikoen iragarkiak erregulatzen dituen atal bat ere ageri da, jakina. Eta azkenik, filmen trailerrei dagokiena. Erabat onartuak daude noski, baina ikustera goazen film konkretu horren kalifikazio bera edo altuagoa izan behar dute. Eta hortxe amaitzen da dena. Kodea gorabehera, iragarkien iraupenari buruz ezertxo ere ez dago idatzita. Eta zentzu horretan, areto barruan gauden kontsumitzaileok pertsona babesgabeak garela uste dut, ezin baitugu katez aldatu edo pantaila itzali.  Badakit hau negozio bat dela, dirua irabazteko daudela eta ahalik eta etekin handiena lortzeko sistema berriak bilatzen dituztela egunero. Primeran, guztiz ulergarria. Gehiago esango nuke, estrategia komertzial horien barruan, badira gutxiago axola zaizkidan "eraso" batzuk –aipaturiko trailerrak esaterako–. Pelikula 18:00etan hasteko programatuta badago eta ni 17:45ean sartzen banaiz, ez zait axola iragarkiak irenstea, tarte huts horietan "entretenitzea" eta beraiek, gainera, etekina. Bikain. Denak irabazle. Ikusi nahi ez baditut, ordea, kanpoan itxoingo dut ordua iritsi arte. Baina 18:00etan nire filma ikusi nahi dut. Krispetengatik ordaintzen badut, trukean krispetak jasotzen ditut. Sarrera ordaintzen badut, trukean filma ikus dezaket. Telebistan iragarkiak ikusten ditudanean, trukean "doako" saio bat eskura dezaket. Zinema aretoan iragarkiak ikustera behartua nagoela? Primeran, utzi orduan dohainik sartzen. Industria zinematografikoari trukean ezer eman gabe, internetetik film bat deskargatzen dugunean, delitua dela diote (ez dut kontrakorik esaten eh!). Baina beraiek guri zerbait "hartzen" digutenean, trukean ezertxo ere eman gabe, horri "marketin adimentsua" deitzen diote. Netflix eta Spotify bezalako plataformengatik ordaintzean, iragarkirik gabeko edukiak jasotzen baditugu, zergatik ez gauza bera zinemarekin?
news
argia-839b7df6b3d9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/zer-iragan-zer-etorkizunetarako.html
Zer iragan, zer etorkizunetarako?
Pablo La Parra P�rez
2017-04-30 00:00:00
Zer iragan, zer etorkizunetarako? Anekdota apokrifo batek dio, eta Kristin Rossek Communal Luxuryn jasotzen du, Errusiako Iraultzaren hirurogeita hamahirugarren egunean, hau da, Parisko Komunak zutik eutsi zuen 72 egunen muga gainditu zuten momentuan bertan, Leninek dantza egin zuela elur gainean Neguko Jauregiaren parean. Irudi apokrifo horrek ilustratzen duen ideia ederki esplotatu zuen historiografia sobietarrak: Komuna huts egindako matxinada izan zela, eta haren akats barkaezinak zuzendu zituela iraultza boltxebikearen garaipenak. Nolanahi, ez da beharrezkoa Entziklopedia Sobietar Handiaren liburukietara jotzea logika hori ilustratzeko, zeinaren arabera, iraganeko borrokak baloratzen diren haien arrakastak eta porrotak neurtuz; izan ere, "pentsamendu kritiko" garaikidearen adierazpen ugaritan aurki dezakegu: "Komunaren lezioak" ateratzeko konta ezin ahala esfortzuetatik (zergatik komuneroek ez zuten Frantziako bankua asaltatu? Zergatik ez ziren prestatu berehala gainean izango zuten Versaillesko tropen erasorako?), Arthur Marwick historialariaren lanetaraino, zeina tematu zen desberdintzen 1968ko praktika politikoen artean "hutsalak" eta "emankorrak" izan zirenen artean; edo hurbilagoko adibide bat aipatzeagatik, M15arekin geroz eta ohikoagoak bihurtzen ari diren kontu-garbitzeak, plazetako mugimenduari atzera-begirako errietak egiten dizkiotenak haren ameskeria inuzenteek eta porrot argiek ez dezaten oztopatu azken garaipenaren bidea. Kristin Rossek estrategia ugari darabiltza iraganeko borroken esperientzia biziarekin berriz konektatzeko. Protagonista izan zirenen hitzak eta ekintzak, imajinatu zituzten transformazio sozialerako aukerak, edozein mugimenduk garatzen denean sortzen dituen elkartruke eta pentsamendu sareak. Kontua ez baita iraganak guri lezioak ematea, aukera berrientzat baldintzak sortzea baizik Konplikatua da Rossen obra ideia bakar batean laburbiltzea, baina haren lanen parte handi bat har daiteke pentsamendu kritikoa ulertzeko modu horren kontrako oposizio aktibo gisa, desmarkatze-ahalegin bat narratzaile orojakileen tradiziotik, zeintzuek iraganeko akatsak disekzionatzen dituzten, hartara etorkizuneko ekintza-ildoak zehazteko. Parisko Komunari edo 68ko maiatzari buruzko lanetan proposatzen digun zeregina ez da hain heroikoa, baina hain zuzen horregatik, askoz gehiago ahalduntzen gaitu: iraganeko borroketako "existentzia operatiboa" berreraikitzean datza, Marxen hitzak erabiltzearren. Rossek estrategia ugari entseatzen ditu borrokaren esperientzia biziarekin berriz topo egiteko, eta ez da aurretik zehaztutako emaitzetatik abiatzen edozein erresistentzia mugimendu logika malenkoniatsu batean birkokatzeko (hori egiten denean, nahita edo nahi gabe, bukatzen baita historia errepresentatzen kale itsuz betetako ibilera balitz bezala, non ez dagoen alternatibarik gertaeren garapenean). Haren liburuetan aurkitzen ditugu borrokaren protagonisten hitzak eta ekintzak, imajinatu zituzten transformazio sozialerako aukerak, edozein mugimenduk garatzen denean sortzen dituen elkartruke eta pentsamendu sareak. Communal Luxury ren hitzaurrean gogora ekartzen digun moduan, kontua ez da iraganak guri lezioak ematea. Kontua da aukerentzat baldintzak sortzea, Walter Benjaminek aipatu zituen "belaunaldien arteko paktu sekretuak" ikusgarri eta ulergarri egin ahal izateko. Ahalegin bat, azken finean, memoria materialista bat sortzeko, iraganeko borrokek posibilitatea izan dezaten oraina auzitan jartzeko lanean parte hartzen jarraitzeko. *    Kristin Ross literatura konparatuko irakaslea da New Yorkeko Unibertsitatean. Hauek dira idatzi dituen liburuak: The Emergence of Social Space: Rimbaud and the Paris Commune (Verso, 2008), Fast Cars, Clean Bodies: Decolonization and the Reordering of French Culture (MIT Press, 2006), May '68 and Its Afterlives (University of Chicago Press, 2002) eta Communal Luxury: The Political Imaginary of the Paris Commune (Verso, 2015). Andrew Ross-ekin batera editatu du Anti-americanism liburua (NYU Press, 2004) eta hainbat obra kolektibotan parte hartu du, besteak beste, Democracy in What State? (Columbia University Press, 2011). Ez dago Rossen libururik euskaraz, baina frantsesez eta gaztelaniaz itzulpen ugari aurkituko ditu ingelesez moldatzen ez den irakurleak.
news
argia-5bebcf9a8b4c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/asko-dago-aldarrikatzeko.html
Asko dago aldarrikatzeko
Juan Mari Arregi
2017-04-30 00:00:00
Asko dago aldarrikatzeko Egun batzuk barru mundu osoan ospatuko da Maiatzaren Lehena. 131 aldiz egin da honez gero, eta urterik urte sindikatuek kalera irteteko eskatzen dute. 1886an Iparramerikan ugazabek inposatutako lanegun amaigabeen aurrean, zortzi orduak defendatzeagatik hil zituzten langileen oroimenez egin ohi da. Baina ez da gogoratzeko data soil bat, baita aldarrikatzeko ere. Zenbaitek klase borroka ukatu nahi duten garaiotan, bizi-bizirik baitago. Erasoaldi kapitalista gero eta muturrekoagoa da, eta horregatik behar da aldarrikatu, mundu osoan bezala hemen eta orain. Langabeziak hor segitzen du eskandaluzko zifrekin (%12 inguru), gazte langabetuak %50 dira eta milaka pertsona daude paroan luzaroan; prestazio sozialak gutxiegi dira ordea. Horri gehitu behar zaio beste milaka lagunek jasaten duten lan prekarietatea. Lotsagarria da, bestalde, erosteko ahalmenaren galera, soldatak oso baxuak baitira: Hego Euskal Herriko langileek azken bost urteetan 1.582 milioi euro galdu dituzte. Soldaten araberako diskriminazioa basatia da: emakumeek gizonek baino laurdena eta herena artean gutxiago jasotzen dute, eta gazteek berriz, 45 eta 52 urte artekoen erdia ere ez. Jubilatuek pentsioak praktikan izoztuta dituzte, egunetik egunera pobreagoak dira. Eta bitartean, aberatsak gero eta aberatsago dira, gobernuek kontrolatzen dituzten politika sozio-ekonomiko eta fiskalen onuradun nagusiak izaki. Egoera aldatzeko bestelako politikak behar dira, eta Euskal Herriaren burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala ere behar dugu, herri langilea izan dadin aldaketa sozialari probetxu aterako diona. Hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa izango da sindikalgintza abertzalearen ekintza batasuna.
news
argia-5eecee585ff0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/zad-etik-independentzia-komunala.html
Zad-etik: independentzia komunala
Pablo Sastre
2017-04-30 00:00:00
Zad-etik: independentzia komunala Bretainian, Nantes eta Rennes artean, Notre-Dame-des-Landes herritik ez urrun, aspaldi du, Estatua aireportu bat egin nahian dabilela. Kontra izan, bertako jendea. Historia luze baten ondotik, 2009an, bizilagunek ZAD ( Zone d'Aménagement Différé ) okupatzera joateko deia egin zuten. Urte hauetan, milaka lagun heldu dira zonara. Ehunka batzuk bertan gelditu dira bizitzen. Horrela sortu da Zad: Zone à defendre . Zadera ez da poliziarik agertzen; bizilagunek ez dute zergarik ordaintzen; ezein urbanismo-planetatik aparte sortzen dira etxeak; lurrak zertan erabiltzen diren, zenbat gari eta zenbat esne produzitzen den, sortzen eta hiltzen diren abereen berri, Estatuak ez daki. Ezin ikuskatuzko, ezin gobernatuzko lurraldea bilakatu zaio Zad Estatuari. Hausturaren sakonagatik, kasu bakana Mendebaldean. Baserritar gutxi batzuekin batean, inondikako jendea bizi da Zaden. Horietako asko zadistak dira: multinazionalei eta estatuari gogor egiten dioten militanteak, mundu mailako borroka batean txertatzen dutenak beren ekinaldia, eta, hala ere, edo horregatik, bertako bizitzan oso direnak inplikatzen. Kondizio zailetan bizi, manifetan beti aurrean izan... Bertakoen begirunea eta oniritzia berenganatu dituzte. Udazken beroa iragarrita dago aurtengoa: seguru asko, berriz tokiak husten saiatuko da Estatua. Zad sendo dago; borroka baina, ez dago irabazia. Guztiarekin, irabazia balute bezala ari dira bizilagunak. Aireporturik ez den futuro bat gogoan, autonomiaren azpiegiturak indartzen dituzte: batzar-etxe bat, birziklategi bat, bainu publikoak, "nazioarteko etxola" eta abar, egitekotan dira. Bertan bizi eta bertan ari izatearekin hartzen diete aurre Estatuaren ofentsiba berriei Hainbesterekin zadistek, burujabetzaren mekanismoak abiarazi dituzte: ez garapen-espertorik, ez poliziarik edo tribunalik ere behar izateko... eta, noski: elikatzeko, komunikatzeko, defenditzeko... Hitz batean, bizitzeko behar dituzten baliabideak sorrarazi dituzte. Ostatu-etxea, okindegiak, nekazaritza-pabiloiak, sutegiak, edotariko tailerrak, erizaindegia, dantza eta musikarako salak, haurren etxea, liburutegia... Dozenaka lan-komun sortu dira Zaden. Hona hemen nola sortzen diren Zadeko komunak : bide konpontzeko dela, patatak egiteko dela, edo beste, ideia baten inguruan osatzen da talde bat, errealizatu egiten du. Hasierako motibazioa kamusten bada, bertan behera gelditzen da proiektua. Talde bakoitza bere maneran antolatzen da eta, nahi izatera, ezagutzera ematen du bere ekintza. Beti ari dira taldeak sortzen eta hiltzen. Europako antzinako komun-herrietatik bereiz, Zad, lehengoari begira dago baina, ez da tradizio luze batetik heldu; sustrai askotatik dute bertan komuna fabrikatzen. 2012ko udazkenean, milaka polizia sartu zen Zadera: baserriak bota, tokiak husten saiatu ziren. Ez zuten lortu; erantzuna berealdikoa izan zen. Konfiantza hartu zuten elkarrekin bertakoek eta zadistek. Hainbat baserritarrek eurentzat hartu zituzten zadisten ekintza-moldeak: etxaldeak eta lurrak okupatu, legez kanpo eraikinak altxatu zituzten. Ehunka hektarea lantzen dituzte elkarren ondoan edo elkarrekin baserritarrek eta zadistek harrezkero. Udazken beroa iragarrita dago aurtengoa: seguru asko, berriz tokiak husten saiatuko da Estatua. Zad sendo dago; borroka baina, ez dago irabazia. Guztiarekin, irabazia balute bezala ari dira bizilagunak. Aireporturik ez den futuro bat gogoan, autonomiaren azpiegiturak indartzen dituzte: batzar-etxe bat, birziklategi bat, bainu publikoak, "nazioarteko etxola" eta abar, egitekotan dira. Bertan bizi eta bertan ari izatearekin hartzen diete aurre Estatuaren ofentsiba berriei. Hara nola, labur kontatuta, Estatutik, hor nonbait independentea izatera heldu den Europako lurralde txiki hau. Datozen asteetan zadista batzuk gure artean ibiliko dira.
news
argia-85f7d6c2578d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/frantziako-presidentetzarako-hauteskundeak.html
Frantziak berealdiko "iraultza" behar du
Mikel Asurmendi
2017-04-30 00:00:00
Frantziak berealdiko "iraultza" behar du En marche!-ko Emmanuel Macron eta Fronte Nazionaleko (FN) Marine Le Pen lehiatuko dira berriz ere maiatzaren 7an. Inkesten arabera Macron liberalak (bozen %23,49 eskuratu du) aise gaindituko du Le Pen eskuin muturrekoa (%22,09) bigarren itzulian: bozen %60 eta %40 inguru jasoko lituzkete hurrenez hurren. Presidentzialetako parte-hartzea ohikoa izan da: %77,3. Inkestek iragarritako kronika baten isla dira lehen itzuliko emaitzak. Frantziako gobernagarritasuna gero eta zailagoa da gaur gero. Azken hirurogei urteetan Hexagonoko politika kudeatu duten bi alderdi nagusien egungo ordezkariek –Les Républicains (LR) eta Parti Socialiste (PS)– ez dute "beren" presidentea Eliseon izango. Eskuindarren porrota handia izanda ere, François Fillonek bozen %19,75 erdietsi du; haatik, PSko Benoît Hamon hautagaiak jaso du (%6,2) jipoi gaitzena. François Hollande presidenteak (PS) berari sostengua eman izan arren, PSk ezin izan du bere hondoratzea ekidin. La France insoumise -ren ordezkari Jean-Luc Mélenchonek (%19,45) gogor eragin du PSren gainbeheratze horretan, alabaina ezkerrak ez du Eliseoko aginte makila eskuratuko, ezta hurrengo gobernuan izateko aukerarik ukanen honezkero. Bozen erabilgarritasuna baieztatu da Mendebaldeko sistema demokratiko kapitalistan –AEBetako Trump fenomenoa gogoan– hauteskundeek hartu duten jitea kontuan hartuta, Frantziako presidentzialetan inkestek iragarritako emaitzek ez dute hautesleen boto asmoa desitxuratu. Egiari zor, inkesten datuak eta bozketaren emaitzak oso hurbil geratu dira. Zalantzarik gabe, botoen erabilgarritasuna – vote utile delakoa– ez da alferrikakoa izan. Boz erabilgarrien jasotzaile nagusia Emmanuel Macron izan da, bistan denez. Halaber,  kritikak kritika, eta kanpainan kalbarioa pasa duen Fillonek boz "askotxo" jaso du: bozen %20. Mélenchonen ehunekoa ez da horren apala, izan ere, ia-ia Filonen pare atera da. Hautesleen bozak aski neurtuak eta pentsatuak izan dira. Eskuin muturreko bigarren hautagai Nicolas Dupont-Aignanek (bozen %4,87) ia bost puntu erdietsi du. Kasuon, bozen erabilgarritasuna ez da bete, Le Peni hainbat boz "hartu" diola pentsa daiteke. Erabilgarritasunaren paradigma PSko hautagai Hamonengan islatu da. Eskuin muturreko Dupont-Aignanen hein bertsuan geratu da, ozta-ozta gainditu du bozen %6a. Gainerako beste bostek, iragarritako emaitzak jaso dituzte: Jean Lassalle, %1,25; Nathalie Arthaud, %0,67; Philippe Poutou, %1,12; François Asselineau, %0,92; Jacques Cheminade, %0,18. Denak Le Penen aurka, bigarrenean Marine Le Penek 7,5 milioi boz eskuratu du, inoizko kopururik handiena. Nicolas Dupont-Aignan-ek milioi inguru. Frantziako eskuin muturra gorantz doa. Dupont-Aignanek ez du argitu orainokoan Le Penen aldeko boz eskatuko ote duen bigarren itzulian. Mélenchonek ere ez du Macronen alde eginen duenetz adierazi. Biek ala biek, euren jarraitzaileen esku utzi dute erabakia. Gainerako alderdi handien ordezkari guztiek beren aburua eman dute jada: Macron da euren hautagaia. Batzuek, ez daudela haren alde erran dute, Le Penen aurka baizik, Frantziaren duintasuna salbatu ahal izateko aukera bakarra Macron presidentea izatea omen da. Itxura guztien arabera, Emmanuel Macron jalgiko da garaile maiatzaren 7an, alabaina, egungo establishment- en sostengua ukan badu ere –Macron Frantzia Europan bermatzeko aukera sendoena da botere finantzarien arabera–, Frantziako alderdi historiko eta sendoenen ordezkariak ez daude lasai Frantziaren etorkizunari begira. Atzoko hauteskundeen ondoren, Frantzia lau bloke politikotan zatitua da. Gobernagarritasuna bipartidismoan bermatu izan da orain arte. Macron presidente izan daiteke, baina uneon ez dauka ez diputatu ez senatari bakar bat ere Frantziako Legebiltzarrean. Le Penen FNk ez du ia ordezkaritzarik goi-mailako parlamentu eta instantzietan. Uneon, ageri denez, Frantzia zatituta dago. Macron patriota liberalaren politikari men egiten diotenak alde batean eta frantziar nazionalismoaren aldekoak bestean. Hauteskunde legegileak –législatives delakoak– ekainean eginen dira. Jende asko dago, ez ote den alderdi klasikoen aroa pasa. Fronte Nazionalari " barrage edo harresia" jartzeko Macron sostengatuz hartzen duten arriskuaz jabetzen dira hala ere. PS eta LRko ordezkari gorenek Macron bozkatzera deitu dute bigarren itzulian, baina funtsean, haientzat bi aukera txarren artean, "ez horren txarra"-ren alde egin dute. Irudiz, V. Errepublikaren aroa amaitu da. Frantziak berealdiko "iraultza" behar du. Batetik, estatuaren osaketan dituen hamaika arazo konpontzeko, eta bestetik, Europan izan duen lekua eta jokatu duen rola berreskuratuko baditu, mendez mende izan duen kohesio politikoa birmoldatu beharko du.
news
argia-61ca83aefb57
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/izerdiari-izerdiarekin.html
Izerdiari izerdiarekin
Jakoba Errekondo
2017-04-30 00:00:00
Izerdiari izerdiarekin Uhaga edo ponpa izugarriak dira landareak. Zuhaitz handiak, zer esanik ez. Metro eta erdiko gerribuelta duen pago (Fagus sylvatica) batek egunero 400 litro ur behar ditu metabolismoari eusteko. 400 litro ur aurkitu behar ditu non edo han; sustraije ikaragarria garatzen du ur hori aurkitzeko eta enborrera ekartzeko. 400 litro ur horiek hostoetara ponpatu behar ditu ondoren. A ze makinatzarra! Lehengoan nioen nola sasoi berriari hasiera emateko, hostaia hedatu aurretik, ponpatzen duen lehen izerdi gordina kentzen zaion urkiari ( Betula spp. ). Baba ( Vicia faba ) eta ilar ( Pisum sativum ) berriak omen dira, gero, gutiziak, zer ote da, orduan, urki izerdia? Ez zaio urkiari bakarrik kentzen izerdi berri hori. Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan azukrearen astigarra ( Acer saccharum ) jezten da, eta Kanariar Uharteetan, bertako palmondoa ( Phoenix canariensis ), "guarapoa" edo "palmondo eztia" deitzen duten edaria egiteko. Txilen, berriz, beste palmondo bati kentzen diote izerdia, kanpotarrek "Txileko palmondoa" eta bertakoek "eztiaren palmondoa" deitzen dutenari, Jubaea chilensis . Datil palmondoaren ( Phoenix dactilifera ), kokondoaren ( Cocos nucifera ) eta Palmyrako palmondoaren ( Borassus spp. ) izerdiak ederki baliatzen dituzte Afrika eta Asia tropikaletan: "tuba" egiten dute Filipinetan, "tuak" Indonesian eta Malaysian, "kallu" Indian, "addu bondia" Maldibetan eta "karewea" eta "kamamaia" Kiribatin, "matango" Kamerunen, "oguro" Nigerian, "poyo" Sierra Leonan, "nsamba" Kongon, "manjenvo" Angolan, "nsafufou" Ghanan, "htan yay" Myanmarren, "mnazi" Kenian, "bahar" Borneon… Eta abar. Gure buruan kabitzen ez den mundu izugarri bat da zuhaitzen izerdiarena. Ur azukreduna denez, beretik sorkin ugari egiteko lehengaia da. Irakin eta irakin eginez azukrea bera lortzeko. Bere horretan irakiten edo hartzitzen utzita azukrea alkohol bihurtuko da, eta, hala, izerdiaren ardoa sortuko da. Irakite hori osatu aurretik tartean moztu edo geraraziz gero pitar modukoa izango da. Irakinaldia eten ezean, ozpina. Tropikoetan, lama batean bizi izanda, izerdi patsa eragozteko, landareen izerdiaren eratorri horietako edozein da ona; han ere, noski, gustatu egin behar... Zenbait tokitan ezkontza ospakizunetako edari estimatuena da.
news
argia-8dec95c14d10
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/trikun-trakun-eginez.html
Trikun trakun eginez
Itxaro Borda
2017-04-30 00:00:00
Trikun trakun eginez Maskaraden sasoia aitzina ari da Zuberoako herrietan barrena eta igande oroz buhameak, predikuekin, ibarrak alegeratzen eta kitzikatzen dabiltza. Plazak, irriz, zirtoz, oihuz eta punpa sinets ezinez betetzen dira, aldamenean taloak adelatzen dituzten ikastoletako gurasoen mahaiak zalantzan jarriz. Buhame airosak agertzen direlarik neguak lotara eraman jendartearen zainak ikaratzen hasten dira: seinale bat da! Resurrección María Azkue kantu zahar biltzaile bizkaitarrak, iragan mende erditsutan, paperean etzan zituen Buhameak Badakite bertsoak, Baigorrin jasoak baina berri-emailearen izenik gabe. Ez zitekeen apeza. Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezaguna den abestia ihauteri denboretan eskaintzen da dantza sotil eta kokin batez hornitua: ezker, eskuin, ezker eta hiru… Jauziak markatuz borobilean mugitzen dira dantzariak, maiz haurrak egia erran, eta erritmoan ipurdiak elkar kuzkatzen dituztela, ikuslegoaren txaloak eta barreak sustatuz.     Lupaireton lupaireton     Lupair lupair lupaireton.     Oskorri taldeak 2000. urteko Ura albumean bertsio eder bat eman zigun, musikaz aberats eta ahotsez kementsu. Natxo de Felipe eta bere talde-kideek mihiak trabatzeke ahoskatzen dute zentzu handirik ez duen errepika. Hitzen musikaltasunak indar itzela duela ezin uka.     Umeak ginenean gurasoek erabiltzen eta aipatzen ziguten buhameen mintzaira dela pentsa dezakegu. Aski zen silaba bakoitzaren artean, bukaerako letraren arabera pa, po, pi edo pu hizkiak eranstea: mipilespeskerper adibidez milesker  errateko. Gehituen artean garaturiko erromintxelazko hitzak batu zituzten gaiari interesatzen zitzaizkien ikerlari ezberdinek.      Ai urdea, ai urdea     Urde buhame handia!     Baigorrin, Donibane Garazin, Amikuzen zebiltzan ibiltariak buhameak deitzen ziren, Baztanen aldiz kitoak, batzuetan agoten uhinetan nahasten zirela mugaren bi aldeetan. Jean Barbier (1871-1931) idazleak 1895eko ipuin batean Donazaharreko Antxitxarburukoak betirako finkatu zituen euskal literaturaren orrialdeetan: "…dakiguna da, Antxitxarburutarrak kurutzatzen direla garaztarrekin aspaldidanik. Merkatu-plaza guzietan ageri dira, oliba-kolore, beren ile kixkurrekin, begi beltx ederrekin, bere makil koropilotsuak eskuan, abantxu laborari eskualduna bezala bezti".     Erran behar da denbora haietan bizidun asko ikusten zela bideetan oinez: Oragarreko Uhane auzoa zeharkatzen zuen egunean bitan Klentte deituriko gizon zardaiak. Nondik zetorren, nora zihoan horrelako ziztuan: misterioa zen. Bakartiez gain buhameak ere baziren:  Bohemiatik zetozen menturaz Erdi Arotik aurrera, erromintxel, kaskarot, ijito, xito, gitano, kitano, motxaile, bohemio edo vizcaino bataiatua izateko. Mauleko Hebentik elkarteak webgune mamitsua dauka gai hori ardatz eta 2014an, Pier Pol Berzaitzen Petti Buhamea pastorala eman zen Garindainen. Salbuespenak salbuespen, sozietatearen partaide oso bihurtu ziren buhameak duela gutxi arte.     Buhameak badakite     Trikun trakun egiten     Trikun trakun egin eta     Oilaskoak ebasten…     Baina, eredu idealetik urrun, euskal gizartea etxearen, etxeko jaunaren eta plaza gizonaren inguruan eraikia zen eta baztertuak baziren, haietan agotak eta buhameak. Haran bakoitzak bereak zituen: Beñat Karrika idazleak Auspoa saileko liburu batean Mehaine eta Armendaritzeko Juana aipatzen du, Mixel Tikoipek Maiatz argitaletxean plazaratu Hotz Bero bilduman Amenduze eta Gabadiko lurretan nagitzen ziren Maritza iragarlea eta Arnot goresten zituen. Manez eta Nakosa ahantzi gabe.     Buhameek badakite kantaren bi aldaera kausitzen ditugu. Bata, Azkuek bildua eta bestea, dantzatzeko egokia, Zuberoatik Lapurdira doana. Bigarrena aintzakotzat hartuko dugu: ijitoak oilo ebasle gisa aurkezten zaizkigu. Oiloa laborariarentzat egiazko aberastasuna zen, arrautzak eta igandeetan jateko egokia zen haragi zuria ematen zituelako. Antza denez, oiloak bi etsai zeuzkan: buhameak eta azeria alabaina.      Buhameek badakite     Oilaskoen ebasten     Oilaskoak ebats eta     Sasipean gordetzen.   Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".     Soinuak eta hitzak abilki txirikordatzen dituen bertsio herrikoiagoak ere bi kopla ditu, zortzi oinetakoak, errepika batekin. Hemen ere buhameek trikun trakun egiten dute baina ikus-entzuleek laidoz estaltzen dituzte urdeak direla azpimarratuz ironia sakonaz baliatuz. Urdeak, oilaskoak bezala, zinez abere zutabeak dira euskaldunen bizi-moduetan: urdearekin oraindik ere, begetarianoa ez izanez gero noski, urte guztirako janaria ziurtatzen da, urdaiazpikoarekin jadanik artisau batzuek urrea sakelaratzen dutela. Urdetzat hartua izatea halatan bikoitza da: urdea, zikin fama duelako, gorrotatua bezain maitatua da gure artean:     Buhameek badakite     Trikun trakun egiten     Oiloño bat ebats eta     Altzo pean gordetzen.     Ai urdea, ai urdea     Urde urde handia,     Ai urdea, ai urdea     Urde buhame handia.     Buhameek halaber ebasle ospea zuten. Euskaraz ele anitz dago lagun hurkoa bere ontasunaz desjabetzeko ekintza azaltzeko: ebasleaz gain, ohoina, lapurra, arrobatzailea, ostutzailea… dibertsitate linguistiko horrek ederki frogatzen du gauzak norbaiten borondatez galtzeko arriskua eta lanjerra nolakoa zen orduan. Buhamea, ebaslea izateaz gain, abila da, sosa egiten badaki:     Buhameak erosi du     Lau sosetan ogia     Lagunari saldu dio     Bost sosetan erdia.     Ai urdea, ai urdea     Urde urde handia     Ai urdea, ai urdea     Urde buhame handia.     Komertzio eta afera alorrean trebe ziren buhameak. Kantuko pertsonaiak bederen benefizio polita egin zuen ogia lagunari saltzerakoan. Ezagunak ziren harremanak abileziaz eta amainatzeaz troxatzeko zeukaten jaiduragatik. Ez ziren debaldetan azeriekin konparatzen. Elekari distiratsuak baitziren, herriz herri ibiliz berri frankoren jakitun eta berri horiek barreiatzen zituzten arraiki, gezurrak eta egiak bateratuz.     Baztertuak, zirikatuak, burlatuak izan arren, euskaldunek buhameen konpainia laket zuten, beraiek egin ez zitzaketen lan zenbaiten egiteko, hala nola zareak eta saskiak: zumea eta mihimenarekin esku ona zuten. Udaberrietako euriak euriari, etxeetako aterpeetan gerizatzen ziren, su baten ondoan kedar usaina zekartela larruko poroetatik isurian. Jantziak, xamango hezurrak eta zopa beroak erdiesten zituzten trukean eta behi esnea adin txikiko umeak hazteko:     Buhameek badakite     Sasipean gordetzen     Eltzetzarraren egosten     Salda ona egiten.     George Bizet (1838-1875) musikariak moldatu Carmen opera entzutetsuan azaltzen denez, buhameek iragarpenak eta etorkizuna asmatzeko zaletasunak zituzten. Geroa zein izanen zen gose ziren herritarrak, egunerokoa larria zelako ardurenean. Eskuko marrak irakurtzen bazekiten, zehazki, eskuinekoak eta ezkerrekoak, destino itsuaren norabidearen jabe bailiran. Horrela irabazten zuten familia zabalak –tribuak…–mantentzeko adina, eskean, amoinaz, sosa hemen, ardita han, hondarrean hitza eta elea zutela altxor.     Buhameak badakite     Salda ona egiten     Bai eta beren haurrek     Katiluan edaten…     1802an Castellane prefetak Baionako eta Mauleko arrondizamenduko buhameen sarekada erraldoia manatu zuen, Louisiana amerikar estatura deportatuak izateko. Baina itsasoetan gerra zelako Frantzian barna banatu zituzten, gizonak lan gogorretan, emazteak eta haurrak zuzentze zentro berezietan. Francisque Michel (1809-1887) erudituaren buhameekiko gorrotoaren oihartzuna aditzen baldin bada oraindik Le Pays Basque (1857) liburua irakurtzerakoan, Iparraldeko gizartean erabat asimilatzea lortu zuten, literaturan eta maskaradetan gatibu aurkitzen direla dagoeneko.     1960ko hamarkadan, hain zuzen ere hippyek bizimodu bohemioa goresten zutela, Euskal Herri barnealdeko azken buhame ibiltariak etxeetan egonkortzera behartu zituen botere publikoak, haurrak derrigor eskolatzeko premia bermatuz, bestela laguntza sozialik gabe bukatuko zutela mehatxatuz.
news
argia-709247cc8ed9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/gure-txoriak-proiektua.html
Ikaslea ahalduntzeko, eman hegoak
Mikel Garcia Idiakez
2017-04-30 00:00:00
Ikaslea ahalduntzeko, eman hegoak Denok ez dugulako erritmo eta baldintza berdinetan ikasten, gela arruntetan zailtasunak dituzten ikasleek bestelako dinamika batean aurrera egiteko aukera dute Curriculum-Aniztasuneko gelan. Dinamika horren adibide arrakastatsua da Gure Txoriak proiektua, gaitasun ugari lantzeko eta motibazioa, jakin-mina eta autoestimua handitzeko aproposa. Gaur beraiek dira protagonistak: Irungo El Pilar kristau-eskolako Curriculum-Aniztasuneko gelan ari diren 16-17 urteko hamabost ikasleak. Apur bat urduri, trasteak hartu eta 9-10 urteko ikasleen gelara joan dira. Gaiaren aurkezpena egin eta galdera bota dute segituan: "Zenbat txori espezie ezagutzen dituzue?".  Esku asko ikusi ditugu altxatuta: usoa, arranoa, kakatua, enara… "Ahatea txoria al da?", jakin nahi du haurretako batek. Nerabeek eurek egindako bideoa jarri dute ondoren: hegaztientzat eraiki dituzten jantokiak ageri dira bertan, ikastetxeko lorategian nola jarri dituzten eta txoriak nola gerturatu diren horietara alpiste bila. Kaskabeltza, txolarrea, txantxangorria… harrapatu ditu Go-Pro kamerak. Inguruko espezieen ezaugarriak ere azaldu dizkiete haurrei, irudiz lagunduta. "Baina sorbeltzak ez badu inoiz lur hartzen, nola jartzen ditu arrautzak?" jakin nahi du 9 urteko neskak. Nerabeek ordenagailuz prestatu duten jolasean lehiatu dira haurrak, bikoteka: hegaztiei buruzko galdera-erantzun jokoa da, eta ikasle helduenak izan dituzte laguntzaile. Azkenik, lorategira jaisteko unea iritsi da. Aranzadi Zientzia Elkarteak sarea jarri du goizean goiz eta txori asko harrapatu dituzte, hamaika denera (ikasleek egindako jantokiek badute zerikusirik, jakina, txoriak erakarri baitituzte). Hegaztiak pisatu, neurtu eta hanketan eraztuna jartzeaz gain, ikasleen galderak argitu dituzte Aranzadikoek. Harritu ere egin dira elkartekoak, nerabeak txoria ikusi eta berehala zehatz identifikatu duenean. Izan ere, gaian kasik aditu bilakatu dira dagoeneko. Bukaeran, proposamen eta erronka berri batekin gerturatu zaio ikasle horietako bat Iñaki Sanz biologo, proiektuaren bultzatzaile eta El Pilarreko irakasleari. "Gauza handia da mutiko hau irakaslearengana etortzea, eta ez irakaslea harengana joan behar izatea –aitortu digu Sanzek–. Azken finean, interesa eta jakin-mina sortzea da inportanteena, interes horretatik abiatuta ikasitakoa ez dutelako ahaztuko eta jakin-min hori delako motorra, gainerako guztirako". Kontzeptu akademikoetatik harago doa aurkezpen egun honetan lortutakoa: jendaurrean hitz egiteak eskatu dien ahalegina, ikasle gazteagoekin harremana gestionatzeko modua, ardura, konfiantza, erronka eta arrakasta sentsazioa… "Bizipen eta sentimendu asko dira; kasu gehienetan, aurretik oso ohikoak izan ez dituzten sentimenduak" [ikusi aurkezpenaren bideoa ]. Gai direla konturatzea abiapuntu Ikasketetan zailtasun handiak dituzten gazteei DBHko titulua ateratzeko eskaintzen zaien baliabidea da Curriculum-Aniztasuneko taldea, bi ikasturte irauten dituena. Normalean, oztopoa ez da gaitasun falta, lanerako gogo edo ohiturarik ez dutela baizik, edo galduta ikusten dutela euren burua, atzerritik etorri eta hizkuntzarekin ez direla moldatzen oraindik, edo bestelako zamak dakartzatela eskolara, heldutasun puntu bat falta dutela… Beste modu batera lan eginez eta ikastetxean beste pare bat urtez aritzeko aukera eskainiz, irabazitako denbora horrek mesede egiten diela azaldu digute Naroa Martinez eta Iñaki Olazabal talde horretako irakasleek, Ana Ollo ikastetxeko zuzendariak eta Iñaki Sanzek. Iñaki Sanz, irakaslea: "Iristen ez direla sentitu duten ikasleak dira, nota txarrak pilatzen joan direnak. Baina dinamika hori apurtu eta emaitza hobeak ikusten hasten dira, eta norbere buruari balioa emateak estres maila asko jaisten du" "Orain arte, iristen ez direla sentitu duten ikasleak dira, ebaluazio eredu jakin baten barruan nota txarrak pilatzen eta ikasturteak arrastaka gainditzen, frustratzen joan direnak. Baina dinamika hori apurtu eta arbelari begira sei orduz eserita egoteari uzten diote, proiektu, tailer eta eskulanei ekiten diete, oinarrizko helburuak beste era batera lantzen dituzte (ez hain lotuta curriculum arruntera) eta emaitza hobeak ikusten hasten dira, gai direla konturatzen. Norbere buruari balioa emateak estres maila asko jaisten du eta heldutasunean, arduran, autonomian irabazten dute", dio Sanzek. Oreka asko zaintzen dutela azpimarratu du Olazabalek: "Ez dugu maila beheregi jartzen, berehala konturatzen direlako eta gainera ahalegina eskatuko dieten erronkei heltzea nahi dugulako. Talde arruntarekin nahastuta ere egiten dituzte ordu batzuk, besteen pareko direla barneratu dezaten, ez isolatu eta berezi". Talde txikia izatea eta bi irakasle baino ez aritzea abantaila dela diote, elkar ezagutza, gertutasuna eta konfiantza errazten dituelako, harreman pertsonalizatuagoa, eta funtsezkoa da hori: momentuak errespetatzea, arazoren bat baldin badute entzutea, haiekin hitz egiteko denbora hartzea… Emaitza garbia da: hamar urteotan El Pilarreko Curriculum-Aniztasuneko taldean ikasi duten gazte guztietatik aparteko bi kasu baino ez dira izan titulua ateratzea lortu ez dutenak. Martin San Gregorio, Eneko De La Fuente, ikasleak: "Aurkezpenean gustura ikusi ditugu haurrak eta bikain atera da dena. Azpimarragarriena, bat egin dugula eta denok elkar hartuta atera dugula aurrera proiektua" Jolas gisa sortu zena, egitasmo egonkor bilakatua Jorratzen dituzten proiektuen adibide interesgarria da natura eta hezkuntza lotzen dituen Gure Txoriak. Ekimena duela sei urte jaio zen, ikastetxeko lorategi-zelai zabala aprobetxatzeko asmoz. Habia-kutxak jarri zituzten eta hegaztiak hasi ziren hurbiltzen; txoriak identifikatzeari ekin zioten, grabatuko zituztela ere erabaki zuten ikasleek… eta joko gisa sortu zena egitasmo egonkor bilakatu da. Unitate didaktikoa dute garatuta, baina urtero sartzen dituzte berrikuntzak, ikasleen proposamenei tiraka: aurten esaterako, alpistea automatikoki –eta ez eskuz– berritzen duten jantokiak egin dituzte, eta plastikozkoak ez, material naturalekin eraiki dituzte. Lorategia haurrekin zeharkatzeko ibilbide bat diseinatzea edota inguruko hegaztiak antzemateko prismatikoekin irteerak antolatzea dira ekintzetako beste bi. Hegaztiekin zerikusia duten puzzle eta jolasak ere egin dituzte eta irrikaz daude, ikasle gazteenak jolastera noiz etorriko. "Egiten dutenak zentzua eta erabilgarritasuna izango duela ikusten dutenean, segituan heltzen diote erronkari, txikienak buruan". Ekintzen bidez, adar ugari lantzen ditu proiektuak: biologia, teknologia, informatika, hizkuntzak, ahozko eta idatzizko komunikazioa… eta arestian aipatu moduan, eduki akademikoak ez diren ikaspenak. 60.000 biztanletik gorako Irun urbanoan, irakasleek nabarmendu dute benetako altxorra dela hirigunean dagoen El Pilar ikastetxeak horrelako lorategia eta gune berdea izatea, ikustea ezerezetik bat-batean nola hegaztiz betetzen den, liburuetara jo behar izan gabe etxetik hain gertu duten aniztasunari erraparatzea ikasleek, aberastasun hori bizi eta barneratu ahal izatea. Urteotan, irakasleek eurek ezusteko handiak eraman dituzte; lorategian 18 hegazti espezie aurkitu dituzte eta ez zuten halakorik espero, hain inguru urbanoan. Altxorra da hirigunean halako lorategia izatea eskolak, ikustea ezerezetik bat-batean nola hegaztiz betetzen den, liburuetara jo behar izan gabe etxetik hain gertu duten aniztasunari erraparatzea, aberastasun hori bizi eta barneratzea Ikasleei ere berdina gertatu zaie: "Hemen inguruan, usoa, txolarrea eta beste espezieren bat baino ez genuela aurkituko uste genuen, eta askoz gehiago izan dira azkenean", kontatu digute Martin San Gregoriok eta Eneko De La Fuentek. Ohiko klaseetatik aldentzen den ekimena dela aipatu dute, interakzio gehiago duena, dinamikoagoa… eta aurkezpen egunarekin pozarren daudela: "Haurrak gustura ikusi ditugu eta bikain atera da dena". Egitasmotik zer azpimarratuko luketen galdetu diegu: "Gure arteko laguntasuna, bat egin dugula eta denok elkar hartuta atera dugula aurrera proiektua". Eta indarrak batzen direnean, gauza handiak lor daitezke. Aurkezpen egunean, ikasle txikiagoen aurrean hitz egin dute nerabeek eta hegaztiei buruzko jolasarekin lagundu diete (irudian). Ardura, konfiantza, erronka, arrakasta... moduko sentimenduak bizitu dituzte, "kasu gehienetan, aurretik oso ohikoak izan ez dituzten sentimenduak", zehaztu du Iñaki Sanz irakasleak.
news
argia-ca81bbda51a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/zer-egin-genuen-galdetzen-digutenean-zer-erantzun-izateko.html
Zer egin genuen galdetzen digutenean, zer erantzun izateko
Marijo Deogracias
2017-04-30 00:00:00
Zer egin genuen galdetzen digutenean, zer erantzun izateko "Zerbait egin behar da. Kalera atera behar dugu. Gobernuak igarri egin behar du gizartearen haserrea". Maitane Azurmendi Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko taldeko kideak argi dauka. Apirilaren 29an, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurren ekitaldien harira, milaka lagun ikusi nahi lituzke Gernikan. Muxikan dute hitzordua, handik Gernikara martxa isila egiteko, errefuxiatuei babesa erakutsi eta orain 80 urte gertatu zena, eta gaur gaurkoz beste hainbat herrialdetan gertatzen ari dena, gogoratzeko. "Nire amamak bonbardaketan pasatakoa kontatzen zidanean haren begiradan ikusten nuen beldur bera sumatzen da albistegietan ikusten dituzun pertsonen begietan. Historia errepikatzen ari da, eta zerbait egin beharra daukagu". Maitane Uriarte Atxikallende Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen lobatako bat da. "1937ko apirilaren 26ko triskantza haren testigantzak lehen eskutik jaso dituen azken belaunaldia garela esan genezake", azpimarratu zuen Uriartek, Gernikaren bonbardaketan 80. urteurrena gogoratzeko aurkezpen-ekitaldian. Lobak proiektuan ari da bera, beste hainbat kultur sortzaile gazterekin. Lobak proiektua ere aritu da apirilaren 29an eta 30ean Gernikan egingo den aldarrikapen-egitarau zabala osatzen. Gerraren kontrako eta errefuxiatuen aldeko nazioarteko topaketa egingo da Gernika-Lumon apirileko azkeneko asteburuan. Ongi etorri Errefuxiatuak plataformak hartu du bere gain asteburu horretan milaka eta milaka pertsona elkartu nahi dituen egitasmoaren gidaritza. "Gernikan gertatu zena atzera ez dadin errepikatu", dio Uriartek. Hala adierazi zuen aurkezpenean ere: "Mezu argi batekin gatoz: gure aitona-amonak ere izan ziren errefuxiatuak eta orain, guri dagokigu gerratik ihesi dabiltzan pertsonei laguntzea. Gure herria, behin bidegabekeriak erraustutakoa, izan dadila gaurkoan ongietorririk beroenaren habia". Ongietorri sinboliko hori apirilaren 29an egingo dute: errefuxiatuei babesa agertzeko martxa erraldoia. Horretarako Muxikan elkartzeko deia egin dute eta hara bildutako guzti-guztiek Gernika-Lumoko herrira martxa bateratu eta isila egingo dute. Maitane Azurmendi (Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia): "Gerratik ihesi datoz eta ezin dizkiegu ateak itxi. Ez dugu beldurrik izan behar, ez baitut imajinatu ere egin nahi gu geu atera beharko bagina, eta laguntzeko inor ez dagoela ohartuko bagina, zer egingo genukeen" Maitane Azurmendik izan zuen martxa egiteko burutazioa. Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da bera, eta Lobak proiektuan ere badabil. 2016ko udan Tesalonika (Grezia) hirian egon zen No Border salaketa-ekitaldian. Beste hainbat lagunekin batera, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko eta gobernuei presio politikoa egiteko joan zen hara. Esan digunez, "jendea Gernikara batzeko asmoa da gobernuei mezu bat helaraztea: errefuxiatuak lagundu behar ditugu! Ez dut nahi 20 urte barru belaunaldi oso bat galdetzen aritzea ea zer egin genuen". Azurmendik ez dauka ahazteko errefuxiatuen kanpalekuetan ikusi zituen pertsonen aurpegietan ageri zen "desesperazioa". "Itxaron-ilarak egitea besterik ez daukate han: gosaltzeko, bazkaltzeko, jantziren bat eskuratzeko, seme-alabak garbitzeko, manta bat lortzeko… Denbora geratu izan balitz moduan bizi dira, ezer egitekorik gabe". Hura ikusita, etxera itzultzean zerbait egin behar zuela besterik ez zuen buruan eta horrela sortu zen Ongi Etorri Gernika, 2017 egitasmoa. "80. urteurrena izanik, hemen ere alde egin behar izan zuten neskato-mutikoak egon zirela gogorarazi nahi dugu. Euskal Herria harrera-leku izatea nahi dugu", azpimarratu digu. "Azken batean gerratik ihesi datoz eta ezin dizkiegu ateak itxi. Ez dugu beldurrik izan behar, ez baitut imajinatu ere egin nahi gu geu atera beharko bagina, eta laguntzeko inor ez dagoela ohartuko bagina, zer egingo genukeen". Herri ekimena Azurmendik azaldu digunez, oso erraza izan da herriko taldeak egitasmoan inplikatzea eta egitarau zabala osatzea. Izan ere, apiril osoan hainbat eta hainbat ekitaldi egin dira Gernikan 80. urteurrena gogoan: bakearen inguruko mahai-inguruak, memoria historikoaren inguruko hitzaldiak, antzezlanak, film emanaldiak eta nola ez bonbardaketa egunean bertan, apirilaren 26an, sirena-hotsa eta 4 minutu ekimena, Gernika Garretan herri-antzerkia eta kandelen manifestazioa. Aurten gainera, Gernika Garretan antzezlana berritu egin dute. Onintza Enbeitaren laguntzarekin gidoia eguneratu nahi izan dute, errefuxiatuen dramari lekua egin asmoz. "Orain dela 80 urte Santurtzitik 4.000 ume atera ziren Habana itsasontzian, gerratik ihesi. 80 urte geroago, salbamendu-jakak jantziarazten dizkiete milaka eta milaka umeri gerratik txalupetan ihes egin dezaten. Haiek bazekiten nora zihoazen; gaur egun ez dakite inora helduko diren ere", diosku Azurmendik. Horregatik, egoera horretan ihes egin beharra daukaten pertsonak, haurrak, gogoratzeko keinua ere bada antzelana. Gernika 2037 Francoren bilobari gutuna antzezlanaren harira Bertsolari aldizkarian zioen Igor Elortza bertsolari eta antzezlanaren gidoilarietako batek, "kontatu barik kontatzen diren istorioek sortzen dituzten zauriak dira sendatu behar direnak". Kezka horrekin dabiltza Ongi Etorri Gernika 2017 egitasmoa antolatzen dabiltzan guztiak. Lobak taldeko Uriartek esaterako dio, gerra osteko beldurra bizi izan zuela beti euren amama zenak. "Bakarrik kontatzen zigun guk geuk galdetuz gero, eta beti ere kontu handiz. Frankismoa amaituta ere berari beldur hori geratu zitzaion barruan". Are gehiago, bonbardaketaren ondorengoen loba honek dio asko igarri dutela euren etxean urteetako hutsunea. "Herriko historia paralizatu egiten da, beldurragatik. Gure amama bizi zela ere, beti esan izan digu "kontuz ibiltzeko", hori izan du beti berak barruan: beldur horrekin hazi eta bizi izan da beti, dena amaituta egon arren". Ildo horretan, Hannot Mintengia gernikarrak 2016an zuzendu zuen Markak dokumentalean dio Bernardo Atxagak, "gogoratzeak, memoriak, lan asko eskatzen du; nahitaezkoa da euskarri batzuk egotea, zerbait, zeinu batzuk behar dira gogoratzeko, ze normalena ez da gogoratzea, normalena da ahaztea". Eta ez ahazteko, Lobak egitasmoan euren aurrekoen lekukotza hartu dute. Mintegiak zioen bezala, "memoria, orainean ekitera obligatzen zaituen zerbait bezala ulertu behar baita". Horixe da, hain justu, Lobak proiektua. 2012an, kulturaren eta artearen sorkuntza-eremu gisa hasi zen. Bonbardaketatik bizirik atera ziren haien lobek osatu zuten, "utzi diguten lekukotzarekin eta ondarearekin bakoitzak bere esparruan egin dezakeen ekarpena egin dezan", azaldu du Maitane Uriartek. Gernikako Astra fabrikan bonbardaketen aurka erabilitako sirena berritu eta martxan jarri zuten iaz: Yahia Koddo eta Ruba Hassan siriarrek aktibatu zuten (Argazki Press / Jaizki Fontaneda) Markak dokumentalean parte hartu zuten haietako askok, euren testigantzak emanez eta sentimenduak adieraziz. Haren ondotik sortu da apirilaren 20an Astran aurkeztu duten Gernika 2037, memoria eta espazio publikoa egitasmoa: Gernikako ondare historiko-fisikoa berreskuratzen saiatzeko proiektua. "Turista askok galdetzen dute ea ez ote dagoen herrian gertaeraren arrastorik; baina kontua da bonben osteko Gernika erabat suntsituta geratu zela eta berreraiki egin behar izan zela", diosku Uriartek. "Egiaz ez dakigu ezer Gernikari buruz, bonbardaketa osteko Gernikari buruz. Markak dokumentalaren grabazioan zutabe bat deskubritu zuten gerra zibileko armen tiro-markak dituena. Guk hori ez dugu jakin eta hori, gura ala ez, gure ondare historikoaren parte da". Horregatik "asmoa da identifikatzea bonbardaketatik geratu diren leku-markak; gure ondarea berreskuratzeko plan bat abiaraztea, bai gerra zibilekoa, aurrekoa zein ondorengoa". Uriartek azaldu bezala, epe luzerako proiektua da, "bonbardaketaren mendeurrenerako erronka bat". Maitane Uriarte (Lobak proiektua): "Herriko historia paralizatu egiten da beldurragatik. Gure amamak beti esaten zigun 'kontuz ibiltzeko', dena amaituta egon arren" Muxika-Gernika, martxa isila Zapatu-domekan egingo dira "Gernikan gertatutakoaren memoria bizirik eusteko" eta "gaur egun milioika pertsona ihes egitera behartu dituzten beste "Gernika" horietan gertatzen dena geldiarazteko" aldarrikapenak. Bizkaiko Ongi etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu du Gernika batzordea, Arrano Kultur Elkartea, Gernika Garretan, Sare-Gernika, Lobak, Gernika Zine-kluba, Gite-Ipes, Nkap eta Gernika Gogoratuz taldeek lagunduta. Zapatuan egingo dira errefuxiatuei babesa emateko ibilaldiak, Euskal Herriko hainbat lekutatik oinez zein bizikletan Gernikara iritsiko dira denak batera, manifestazio isilean. Domekan, berriz, gaikako tailerrak eta esperientzia-mahaiak antolatu dira, "jendeak ezagutu ditzan han eta hemen egiten ari diren bestelako elkartasun ekimenak –dio Azurmendik–, eta euren artean ere elkarlana sustatzeko. Azken batean, bilatzen duguna da jendea inplika dadila, eta elkartasun sarea ahalik eta gehien sendotzea". Artikulu hau eta beste asko itzultzen ditugu ingelesera, Euskal Herriko berriak Euskal Herritik zabal ditzagun: argia.eus/english
news
argia-08eaa4254ae7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/bi-abestiren-alegia.html
Bi abestiren alegia
Jose Ignazio Ansorena
2017-04-30 00:00:00
Bi abestiren alegia Historia bihurria du Haurtxo polita sehaska abestiak. Doinua antzinatik ezaguna da, I. Gerra Handian, esaterako, Frantziako soldaduek martxa militar gisan kantatzen zuten, erritmo markatu eta biziaz. Gabriel Olaizolak, Donostian Saski Naski antolamendua prestatzen ari zirenean, erritmoa aldatu zion eta, Txomin Sagarzazu hondarribiarrak proposatuta, honen anaia Klaudioren hitzak atxiki zizkion. Gabrielen anaia Josek harmonizatu eta estreinako aldiz Radio San Sebastián, EAJ 8 zelakoan eskaini zen, Los martes euskéricos programan. Pepita Enbil bakarreko ahotsean eta zortzi gizonezkoren abesbatzak, otxoteak alegia, lagunduta.  Abestiak berehala lortu zuen arrakasta. Saski Naski -n 1928tik aurrera erabili zuten eta Eresoinkak (*), gure gerra bitartean, programetan eskaintzeaz gainera, diskoan ere grabatu zuen, Pepita Enbil bera bakarrekoa zelarik.                                                                                      *   *   *     Martutene eleberrian Ramon Saizarbitoriak hainbat aldiz aipatzen duen beste abesti batek antzeko bidea izan du: Isil-isilik.   Isil-isilik                                              Isilik dago aurkitzen dira                                     tantai gainean, ibar soilak eta basua.                         lehengo txori berritsua, Ez da mendian                                   lumatxo biguin ezer entzuten                                     harro artean ez bada hontzaren oihua.                  gorderik bere burua. (*) Aurten 80 urte beteko dira Eresoinka abesbatz eta dantzari taldea sortu zutela. Bihoaz lerro hauek hura martxan jarri zutenen omenez. Garai batean bertsolariek usu erabiltzen zuten honen doinua, Europa osoan ezaguna hau ere. Xenpelar -ek Santa Barbararen martiritzari eskainitako bertsoak kantatzeko zabaldu zen XIX. eta XX. mendeetan. Txomin Sagarzazu kaskagorri jatorrak berriro anaiaren goiko bertsoak egokitu zizkion. Jendartean ederki zabaldu zen. Gerra ondoko urteetan Jose Maria Zapirain, Gasteizko apaizgaitegiko musika irakasleak eskatu zion Donostiako San Bizenten apaiz zegoen Ramon Intzagarairi doinu horretan Eguberri bertsoak paratzea eta eliza bereko organo jotzaileari, Luis Urteagari, abesbatzarako harmonizazioa egitea. Horrela sortu zen Gaueko izar bilantzikoa, apaizgaiek Euskal Herriko bazter guztietara, Jaiotza eta Olentzero en bitartez, zabaldu zutena. Apaiztegiaren inprimategiak bilduma batean argitaratu izanak ere lagundu egin zuen. Egun horixe da ezagunena.                                                                                      *   *   * Bi abestion alegiaren irakaspenak: 1) Antzinatik oso europarrak garela euskaldunak doinu kontuetan. 2) Doinuek gehiago irauten dutela hitzek baino. 3) Doinua baino garrantzitsuagoa dela erritmoa eta intentzioa. 4) Euskaldunok gerra martxa sehaska abesti gozo, eta martirio bertsoen doinua Gabon kanta pozgarri bilakatu genituela. 5) Agian bide beretik jarrai genezakeela.
news
argia-496ec1f8be79
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/etxalde-app-a.html
Elikadura burujabetzarantz pausoak emateko aplikazio berria
Garazi Zabaleta
2017-04-30 00:00:00
Elikadura burujabetzarantz pausoak emateko aplikazio berria Teknologia berriek gure bizitzetako esparru ia guztiak hartu dituzten honetan, elikadura burujabetzaren alde zein aukera izan zitzaketen galdetzen zuten hainbat elkartek. Hortik sortu da jada martxan dagoen Etxalde App mugikorretarako aplikazioa. Elikaherria, Bizilur, Etxalde-Nekazaritza Iraunkorra eta EHNE Bizkaiak jarri dute martxan proiektua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren diru laguntzarekin eta "Bide Berriak: komunikazio sare berriak elikadura burujabetzarako" proiektuaren barruan. Gure kontsumo-erabakien eragina ezagutzen "Beharrezkoa da gure kontsumo erabakiek dituzten eraginen inguruan pedagogia egitea eta erabakiok elikadura burujabetzaren printzipioen araberakoak izatea". Horrela azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek aplikazioaren ideia bere webgunean.     Izan ere, erosketak egiterakoan produktu bakoitza elikadura burujabetza definitzen duten kriterioen arabera ebaluatzen du aplikazioak: sasoiko produktua den, gertutasuna, printzipio agroekologikoetan ekoiztua izan den edota ekonomia sozial eta solidarioko sare baten baitan ekoiztua izan den kontuan hartuta, produktu horrek inguruan duen eragina azaltzen dio erabiltzaileari. Sasoiko egutegia Bestalde, sasoiko produktuen egutegia ere eskaintzen du Etxalde App aplikazioak. Geolokalizazioaren bidez edo erabiltzaileak hautatutako kokalekua erabilita, inguruan dituen sasoiko produktu freskoen berri ematen die erabiltzaileei.     "Bertako produktua erosteak bertako ekonomia laguntzea esan nahi du, ekoizpenerako eta garraiorako energia gutxitzen da, eta nutrizio-ezaugarri eta zapore guztiaz gozatzeko aukera ematen du", diote aplikazioaren webgunean sasoikoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratzeko.     Edonorentzat eskuragarri dago jada Etxalderen aplikazioa Google Play dendan, eta proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi duenak, berriz, etxalde-app.elikaherria.eus webgunean aurkituko ditu xehetasun guztiak.
news
argia-56133e6bdc4d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/gestazio-subrogatua.html
Haurdunaldi solidarioa?
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2017-04-30 00:00:00
Haurdunaldi solidarioa? "Merkatuak gure uteroak alokairuan uzteko eskaintza ez dugu emakumeok sortu. Pertsona aberatsen eskariak sortzen du emakume txiroen eskaintzarako beharra". Auziari ikuspuntu feministatik heldu dion EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle Arantza Camposen hitzak dira. Gestazio subrogatuak kontraesanak sortzen ditu jendartean. Emakumeen gorputzaren askatasuna edo erabilera, legala edo ilegala, negozioa, elkartasuna... Arantza Campos irakasleak ikuspuntu feministatik hitz egin digu, "emakumeen eta euren eskubideen defentsan". "Ekintza honen arrazoi nagusia negozioa da, oso emakume gutxik edo inork ez baitu egiten tartean dirurik ez badago", dio Camposek. Dioenez, bizitzako beste hainbat esparrutan bezala, dirua duen eta dirua behar duen jendea dago eta, hortaz, finantza-interesek uteroen alokairua babesten dute: "Zenbat emakume aberatsek erdituko dute bitartekorik gabeko emakume txiroentzat? Hortaz, zer da haurdunaldi solidarioa? Gizon aberatsek emakume txiroak erosten dituzte; hori da errealitatea". Gestazio subrogatua legezkoa da Europako hainbat lekutan: Errusian, Ukrainan, Grezian, Georgian eta Erresuma Batuan, esaterako. Espainian legez kanpokoa da; erditzen duen emakumea da legalki umearen ama. Frantzian ere delitua da eta isun ekonomikoarekin zein kartzelarekin zigortu daiteke. Hala ere, bada bide horretara jotzen duen jendea. "Ezkutukoa denez, ezinezkoa da zifra zehatza jakitea, baina 'Son nuestros hijos' (Gure seme-alabak dira) gestazio subrogatu bidezko familien elkartearen baitan, 100 bat izan dira 2016an hautu hori egin dutenak Hego Euskal Herrian", kontatu digu Camposek. Haurra jaio ostean ere, inkubagailu lana egin duen emakumea arretagai "Emakumeen gorputzen alokairua legeztatzeak, bederatzi hilabetez euren askatasuna eta autonomia desagertzea ekarriko du. Gorputz horiek erosleen eskuetan egongo baitira", dio Camposek. "Saldu eta alokatzen diren gorputzak emakumeonak dira eta eurak dira jabeak. Baina apenas jartzen den arretarik haien gain. Garrantzia ematen zaio inkubagailu lana egiteari eta denbora horretan haurrari jana, edana, odola eta berotasuna emateari. Behin haurra jaio ostean emakumearen gorputza eta haren osasun mentala ez dira inorentzat lehentasuna. Obulo ernalduak ezartzean, haurdunaldia aurrera daraman emakumea "desagertu" egiten dela esan digu. "Jada garantzia gutxi ematen zaio emakumeari, orain indar handiena beste baten obulo batek izateko ere". Feministen 'Gure gorputzak gureak dira' aldarrikapenaz ere hitz egin digu EHUko irakasleak. "Baina esaidazu: uteroa alokatu duen emakume batek abortatu dezake ageriko esplotazio eta esklabotza pairatzen ari denean? Noiz arte da gorputzaren jabe? Kontraesan handia da emakumeen eskubideez hitz egitea inkubagailu lana egiten duen emakumeari gertatzen zaiona axola ez zaienean". Camposen ikuspuntutik emakumea objektu eta produktu kontsideratzen du jendarteak eta kasu honetan baita umea ere. "Beti izan naiz kritikoa amatasun biologikoarekin, zure odol bereko haurrak izateko obsesioarekin. Bitartean milaka haur miserian bizi dira, mugetan edo gerretan desagertzen dira. Baina nork bere odoleko haurrak eta perfektuak izan nahi ditu. Gaixotasunarekin jaiotzen dena, adibidez, zer? Zalantzan jartzen dut erosleak haur inperfektua nahiko duenik".
news
argia-854aa6cb550a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/lisabo-bidehutsen-10-urteurrenaz.html
"Beste alor askotan ohikoa den logika asanblearioa musikara eraman dugu, besterik ez"
Lander Arretxea
2017-04-30 00:00:00
"Beste alor askotan ohikoa den logika asanblearioa musikara eraman dugu, besterik ez" Zer da? Diskoetxea? Zigilua? Lagun taldea? Kolektiboa? Marka? Abizenak abizen, 10 urte bete berri ditu Bidehutsek, denera 39 lan argitaratuta. Karlos Osinaga eta Eneko Aranzasti Lisaböko kideak elkartu ditugu urte hauetan guztietan egindakoaz eta euren antolatzeko moduaz hitz egiteko. Agenda estua dutela-eta, arratsaldeko 20:00etan elkartu gara Bonbereneako estudioan. Sei urte inguru daramate Lisabörekin ezer kaleratu gabe, eta hala ere, jarraitzen dute Bidehutseko asanbladatara joan, iritzia eman eta halako elkarrizketak egiten. Hori omen da Bidehutsen osasunaren eta indarraren seinale onena. Haien ingurune naturalean gaude, mikrofono eta instrumentuz inguratuta. Zein zen egoera orain 10 urte, Bidehuts sortu zenutenean? Karlos Osinaga: Ez dakit zenbat den benetan gertatu zena, eta zenbat den errepikatzearen errepikatzeaz gogoratzen duguna: Lisabön aspalditik genuen argi noizbait lanak geure kabuz kaleratuko genituela. Orain hamaika edo hamabi urte gu Metak diskoetxearen egituran sartuta geunden, baina orduan jada bagenuen Inoren Ero Ni-rekin batera single bat gure kabuz egiteko gogoa. Biniloa nahi genuen, eta Metaken ez zuten horrelakorik egiteko ohiturarik. Haiekin adostu genuen baietz, noizbait single autoeditatu hori kaleratuko genuela Karlos Osinaga: "Gure jarrera profesionala izan da ahal izan dugunean, baina benetan profesionalak izan gabe" 2006an Metak itxi zuten ordea. Diskoetxe bat ixten denean lehenengo pena sentitzen duzu, baina segituan dator galdera: orain zer egingo dugu? Une hori izan zen aitzakia onena zerbait berria egiten hasteko. Asko hitz egin eta eztabaidatuz erabaki genuen Lisabö, Anari, Hotel eta Inoren Ero Ni elkartuta Bidehuts sortzea. Eneko Aranzasti: Pentsa, azkenean, buruan genuen single hori ez zen lehenengo erreferentzia izan, zazpigarrena baizik. Oso denbora laburrean lan asko kaleratu genituen. Oso urte intentsoak izan ziren lehenengo haiek, baina dibertigarriak ere bai. Gauza asko egiten ez genekien, eta berria izan zen guretzat… Lau talde hasi zineten, eta gerora, beste mordoxka bat ere bidera batu da. Laguntasuna garrantzitsua izan da horretan? E. Aranzasti: Niretzat Bidehuts da lagunarteko proiektu bat, eta hori funtsezkoa da. Batzuetan pentsatzen dut: galdetuko balidate zein talde ekarriko genukeen Bidehutsera, orain 10 urte esango nituen mordoxka bat, eta orain, uste dut bakarra ere ez nukeela esango. Ez da musika soilik, erabakiak hartu behar dira, eztabaidatu… eta horretarako afinitate berezia behar da. K. Osinaga: Kanpotik edo distantziatik gauzak beste modu batera ikusten dira, baina hau ez da beste munduko gauza bat. Zerbait behar duzu, antolatzen zara eta aurrera eramaten duzu. Normala den bezala proiektuak zure inguruko jendearekin jartzen dituzu martxan, eta guk ere halaxe egin genuen. Eneko Aranzasti: "Ez dugu inoiz oso urrunera begiratu, pixkanaka egin ditugu gauzak" E. Aranzasti: Gauzak pausoz pauso egiten dira, batzuetan atzera ere eginda. Bidehutsen ez dugu inoiz oso urrunera begiratu, pixkanaka egin ditugu gauzak, erabakiak hartu… Planifikazio handirik gabe. Gauzak eztabaidatu ditugu zetozen bezala, eta pixkanaka egin dugun horrek eman dio forma Bidehutsi.  Barne funtzionamenduan jarraitzen dugu adibidez, oraindik ere nola izan behar lukeen eztabaidatzen (barre egin du). Agian lortuko dugu hogeigarren urteurrenerako. Ez duzue tentaziorik izan globalagoa den zerbait egiteko? Nik zer dakit: elkartu ahal beste musikari eta… K. Osinaga: Bat ere ez, eta nahita ere, ezin izango genukeen. Bilera guztiak gure aisi denboran egiten ditugu, inork ez du honetan lan egiten, eta beraz, aukerarik ere ez dugu izan zerbait handiagoa egiteko. Gure jarrera profesionala izan da ahal izan dugunean, baina benetan profesionalak izan gabe. E. Aranzasti: Ez dugu izan, ez, eta horren islada da Txinaurriak diskoa. Ez zuen izan nahi belaunaldi batek Mikel Laboari egindako omenaldi bat, lagunartekoa baizik. Bestelako asmo handirik gabea, eskerrak emateko modu bat. Bidehutsen egiten dugun beste guztian ere, oinarrizko ideia hori da. Lisaböri buruz esan izan duzue esplizitua ez bada ere, badagoela atzean zera etiko edo politiko bat. Gauza bera esango zenukete Bidehutsez? K. Osinaga: Egia esan, ez dakit. Ez dugu inoiz denen artean adostu. E. Aranzasti: Bakoitzak buruan izango du bere filosofia, baina uste dut lan egiteko duen moduan badagoela politikoa den zerbait. Modu asanblearioan funtzionatzen duen diskoetxe bat gara, azken finean. Internetek ekarri dituen aldaketekin eta abar, orain asko dira autoekoizpenaren bidea hartu dutenak. Modu indibidualagoan egin dute ordea, talde bakoitzak bere kabuz… Karlos Osinaga: "Badugu eredu garbi bat: Washingtonen sortutako Dischord Records, besteak beste Fugazi taldeak bultzatua, eta beraien filosofia" K. Osinaga: Orain dela 10 urte autoekoizpenak bazuen puntu kutre bat, "zuk egiten duzu inork ez duelako diskoa atera nahi". Gero, izen handiko musikariak hasi dira gauza bera egiten, eta asko aldatu da pertzepzioa. Gure kasuan, badugu eredu garbi bat: Washingtonen sortutako zigilu bat, Dischord Records , besteak beste Fugazi taldeak bultzatua, eta beraien filosofia. Guretzat, gure jarrera underground eta industriaren logikaren kontrakoa izan da beti. Hasieratik argi genuen talde batzuk biltzea nahi genuela. Ez genuen handitu nahi, baina bai guk irekitako bidea baliagarri izatea beste batzuentzat ere. Ni edozein tokitan egon naizenean norbaiten laguntzarekin izan da, eta hori bera egiten ere saiatu gara gu. Konpartitzen, eta irekita dagoen bide bat, beste batzuei ere zabaltzen. E. Aranzasti: Aurreko galderarekin lotuz, niretzat, jarrera politiko bat badago horretan: guk bidea egin genuen, eta bagenituen beste lagun batzuk hori aprobetxatu zezaketenak… Baina ez genien esan, "hau dut, nahi duzu aprobetxatu?". Esan genien, "guk hau egin dugu, hemen duzu mahaia, mailua, iltzeak, etorri eta egin zuk zeuk". K. Osinaga: Batzuek egin dute bide hau ekonomikoki interesgarriagoa iruditu zaielako, eta hori ere legitimoa da, eta ulertzekoa gainera. Batez ere diskoetxe askotan taldeentzako portzentajeak oso txikiak zirelako garai batean, Esan Ozenki bezalako salbuespenekin. Horregatik, gaur egun bere egitura propioa duen talde batek autoekoizpenerako saltoa egitea normala da. Errazagoa ere izango da, ziur asko, beste talde batzuekin eztabaidatu gabe erabakiak hartzea… E. Aranzasti: Bada errazagoa, bai. Zurea egiten duzu, taldekideen artean eztabaidatu, eta listo. Bidehutsen kasuan, taldean eztabaidatu ondoren, asanblada dator. Eztabaidatzen jarraitu behar duzu, zure lagunak direnekin, gainera. Pauso hori emateak asko eskatzen du. Dena den, Euskal Herrian hau ez da berria, horrela egin da beste mila alorretan. Musikalki baditugu eredu batzuk, baina eguneroko bizitzan milaka eredu daude. Guk musikara ekarri dugu egiteko modu hori. Txuma Murugarrenek zioen ARGIArako elkarrizketa batean berak sortu egin nahi duela, beste lan guztiak ere bere gain hartu behar izan gabe. Nola ezkontzen da hori autoekoizpenaren ideiarekin? Eneko Aranzasti: "Bidehutsen ez dugu kontraturik. Bakoitzak egiten du bere bidea eta une batzuetan elkartu gaituen bezala, beste batzuetan urrundu egiten gaitu" K. Osinaga: Hori ere ulertzekoa da. Nik ez dut esaten tade bakoitzak bere kabuz egin behar duenik diskoa. Esfortzu handia da. Lisabören kasuan, sorkuntzarako denborarik ez dugu beste motibo batzuengatik… Baina egia da, energia eta denbora eskatzen duela autoekoizpenak, denean aplikatzen bada batez ere. E. Aranzasti: Txuma Murugarrenek esandakoa oso zintzoa iruditzen zait. Batzuk esaten dute: "Autoekoizpena egiten dut eta horrela nire lana kontrolpean daukat". Baina ulertzen dut Murugarrenena ere: "Ni musikaria naiz, kantuak egin nahi ditut, eta hortik aurrera datorren lana egingo du besteren batek…". Gure kasuan, kanpoko enpresa batek eramaten duena zabalkundea da, eta posta-salmenta edo prentsa bezalako ardurak ere banatuta ditugu. Horrek lan pixka bat kentzen die taldeei, baina hala ere, promozioa, ekoizpena eta beste guztia talde bakoitzaren esku geratzen da. Willis Drummond taldearen azken diskoa ez du Bidehutsek kaleratu. Nola kudeatzen dira erabaki horiek? E. Aranzasti: Bidehutsen ez dugu kontraturik. Bakoitzak egiten du bere bidea, eta une batzuetan elkartu gaituen bezala, beste batzuetan urrundu egiten gaitu, naturaltasunez, bizitzaren beste alor guztietan bezala. Bidehuts denerako eta eskatzen duen denerako, 10 urtean talde bakarrak bidea utzi izana, oso zenbaki ona da. K. Osinaga: Beste modu batera esanda, gauza handia da bertan gaudenok oraindik hor jarraitzea. Adibidez aurten, Anarik Epilogo bat kaleratu izana niretzat opari bat izan da, fan eta musikazale bezala, eta baita Bidehutseko kide bezala ere. E. Aranzasti: Lisabören kasua, adibidez, berezia da. Sei urte inguru daramatzagu ezer kaleratu gabe, eta hala ere Bidehutsen jarraitzen dugu. Taldeetako kideak daude, eta gero Lisabökoak, jo gabe, diskorik kaleratu gabe, baina hortxe… (barre egin du). Horrek, asko esaten du, nire ustez.
news
argia-ce2b652bbcf2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/ibai-atutxa-literatur-ikertzailea.html
"Desira ez da bakarrik nor maitatu, desira da zelako bizitza eta herria nahi dugun"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-04-30 00:00:00
"Desira ez da bakarrik nor maitatu, desira da zelako bizitza eta herria nahi dugun" Sarri aditu dugu: denbora pasa behar dela, zenbait egoerari lasai begiratzeko. Distantziak ere lagun dezake: zenbait margo ez dira ondo ikusten, hurbilegi ipiniz gero. Urruntasun eta arnas bila joan zen Ibai Atutxa literatur ikertzailea Euskal Herritik kanpora: handik hona begira jarraitu du hala ere, pantailaren bitartez. Bilbora bueltatu berritan hitz egin dugu harekin: erresistentziaz, gentrifikazioaz eta desiraz. Orain dela gutxi itzuli zara Euskal Herrira. Zer moduz? Lur hartzea apur bat bortitza izan da, beti izaten den moduan. Azken batean, bost urte egin ditut New Yorken, eta han neuzkan bizitza egiteko behar nituen gauza guztiak; konplikatua izan da hori dena mugitzea. Santutxura etorri zara. New Yorken nengoela hasi nintzen pisua bilatzen eta beste Bilbo bat ezagutu nuen, zeren ni galdakoztarra naiz, eta alde egin nuenean behintzat, 22 urterekin, Galdakaon bizi zen norbaitentzat Bilbo zen asteburuko parranda, ez bizitzeko toki bat. Interneten begiratu eta hortxe hasi nintzen auzoak apur bat gehiago ezagutzen (ez naiz erdigunean bizitzekoa), eta halaxe etorri ginen hona. Karmelan gaude orain, Karmelo ikastola zaharraren eraikinean Santutxuko bizilagunek martxan jarritako proiektuaren gune askean. Etorri aurretik ez zenuen horren berririk? Azken hamar urteetan, eta batez ere azken bost urteotan, pantaila baten bitartez bizi izan dut Euskal Herria, eta beraz, ezagutzen nituen Bilbon gertatzen ziren gauza asko, baina ezin nituen mapan kokatu. Nik sarean ezagutu nuen garai hartan Karmelo deitzen zena eta sorpresa izan zen bat-batean etxera iritsi eta ikustea orain Karmela den hau nire etxe azpian zegoela. Zer-nolako lotura daukazu Karmelarekin? New Yorken, eskalatzen hasi nintzen rokodromoan, eta ikusi nuen hemen eskalada talde bat sortzen ari zirela, pila bat talde eta proiektu sortzen ari dira orain, eta orduan idatzi nien, eta galdetu ea rokoaren taldea irekia zen eta ea asanbladak irekiak ziren. Irekiak ziren biak, eta ordutik hona asanbladetara etorri naiz asteartetan eta izugarrizko esperientzia potentea izan da. Gainera, espazio honek urte eta piko egin du martxan, eta beraz, eskaintzen ditu aukerak denetatik egiteko. Kanpotik zenekarren irudipena aldatu al da? Hona heltzerakoan ulertu dut mundu guztiak ezagutzen duela mundu guztia, nik izan ezik. Ez da oztopo bat, hala ere. Etorri aurretik uste nuenarekin konparatuta, ikusi dut dena dela nahasiagoa eta inperfektuagoa. Azken batean, internet bidez edo prentsan jasotzen denak beti hartzen du halako ordena bat, eta ordena horrek beti hartzen du armonia bat, eta guztiak ematen du bikaina, eta etortzen zarenean errealitatea den modukoa da eta ezer ez da inoiz hain perfektua, baina uste dut gauzak gertatzen ari direla. Irudipena daukat, krisiaren eta su-etenaren ondoren, paradigma batzuk zalantzan jarri zirela, eta beste diskurtso batzuk hasi zirela indarra hartzen, batez ere feminismoarekin lotutakoak, zorionez. Kanpotik iruditzen zitzaidan mugimendu sozialak ari zirela gero eta garrantzi handiagoa hartzen, eta orain iruditzen zait uste nuena baino potentzialitate handiagoa daukala horrek guztiak. Zure lanera etorri nahi nuke. Nola bilakatzen da irakurlea literatur ikertzaile? Zuk esan bezala, irakurlea nintzelako iritsi nintzen euskal filologiara. Mundu guztia ez da irakurle gisa iristen. Deustun ikasi nuen eta bere garaian bazeuden bi aukera, bata zen hizkuntzalaritzan berezitzea eta bestea literaturan. Gutxi ginen bigarren adar horretatik joan ginenak. Ikasketek beste modu batera irakurtzeko tresnak eman zizkidaten, baina egia da euskal filologia egin eta gero Euskal Herritik joan nintzela, behar nuelako, ez dakit oso ondo zergatik, ez dakit orain eta ez nekien orduan, baina argi neukan alde egin beharra neukala, eta garai bat kanpoan ibili eta gero erabaki nuen irakurle kritiko izateko jarrera horretara hurbildu nahi nuela berriz, eta halaxe iritsi nintzen Ingalaterratik Bartzelonara.   Argazkia: Dani Blanco. Lehenengo Ingalaterran egon zinen, beraz. Ikasbide handia izan al zen? Ingalaterrak eta Londresek arnasa eman zidaten, distantzia, urrutitik begiratu nion nire buruari, hemen neukan lekuari, honek nigan zeukan eraginari. Bestalde, irakurketak ireki zitzaizkidan, guztiz. Gogoratzen dut Londresen arratsaldez egiten nuela lan, egunkariak banatzen, eta goizak libre nituela, eta British Library -an igarotzen nituela, justu etxe ondoan neukan-eta. Eta Bartzelonan? Bertan ezagutu nituen oraindik ere oinarri bezala erabiltzen ditudan teoria kritiko guztiak edo gehienak, forma sistematikoan eta gorpuztuan ezagutu ere. Hor ezagutu nuen literaturara hurbiltzeko beste modu bat. Bartzelonara iritsi nintzenean ipuin laburrak ikertu nahi nituen, hots, literaturaren hurbilketa nahiko ortodoxoa neukan buruan, eta Bartzelona bonba bat izan zen. Zer alde dago hurbilketa ortodoxoaren eta Bartzelonan ezagutu zenuenaren artean? Batetik, ez dira bi hurbilketa guztiz bereiziak; segida batean daude. Hala ere, funtsezko aldea litzateke, hasiera batean testua hartzen nuela erlazionatzeko objektu bezala, eta, gero, testua ez baizik gorputza zela gunea, hau da, norbere gorputza nola erlazionatzen den testuarekin, norbere gorputza nola erlazionatzen den inguruarekin eta testuarekin, beste gorputzekin… Beraz, ez da hainbeste liburuari buruzko analisi bat egitea liburua hartuta gauza isolatu bat bezala, baizik eta areago bizi zaren gizarteari buruzko analisi bat egitea gizarte horrek ekoizten dituen liburuen eta kultur produkzioaren bitartez? Hori da, eta horri bigarren buelta bat ematea, hau da, gizarteak testuak produzitzen ditu eta testuek gizartea produzitzen dute, eta beraz, ea zer gertatzen den mugimendu horietan. Baina kontua ez da zer datorren nondik, baizik eta zer menderakuntza-erlazio sortzen diren etengabeko ekoizpen horretan, zer aukera dagoen menderakuntza horiei aurre egiteko, eta nola aurkitu daitezkeen erresistentzia-bideak hamaika testu, irudi eta bideotan. Nolatan joan zinen gero New Yorkera? Aukeratu gabe aukeratu nuen hiria, zehaztu gabeko premia baten ondorioz. Tesia idazten ari nintzen eta horretan ari zarenean kanpora joan zaitezke. Printzipioz, hiru hilabeteko egonaldiak dira, baina nik esan nuen urtebetez joan nahi nuela. Esan zidaten "zuk pagatu beharko duzu asegurua", esan nien baietz, eta kito. Zer moduzko esperientzia izan da? Uste dut oraindik digeritzen ari naizela hiri hori. Han jabetu nintzen neure zuritasunaz inoiz baino argiago, han ikusi ditut garbien kultur aniztasuna esaten zaion horrek dituen arrakalak, han eduki ditut, baita ere, milioi bat aukera. New Yorken 25 urte dituzu beti. Ikerle-bisitari aritu eta gero hango unibertsitatean sartzeko aukera izan nuen, eta esan behar dut hemendik sortzen direla halako ilusio batzuk, AEBetako unibertsitateak sekulakoak direla, eta tira, unibertsitate batzuk badira, baina ez unibertsitate-sistema bere horretan. Baina zu Columbian egon zinen eta Columbia bada halako super-unibertsitate bat, ezta? Bai. Irakurtzeko gaitasunaren aldetik, zeharo aldatu nau. Oso komunitate potentea sortzen da halako toki batean, eta pentsatzea da beren zeregin bakarra. Noski, horrek baditu bere alde ilunak. Columbia burbuila bat da, hiri erabat zapaltzaile batean dago. Horren adibiderik emango al zenidake? Munduko finantza-hiriburuetako bat da Manhattan. Biztanleen %1az hitz egiten dugunean ari gara hor bizi den jendeaz. Gero, Manhattanen barrena zoaz ibiltzen eta ikusten duzu etxerik ez daukan jendea lo egiten banku baten aterpean: hortxe dauzkazu %100aren bi muturrak. Zer-nolako aldea zegoen zu bizi zinen tokiaren eta Manhattanen artean? Brooklynen bizi nintzen ni, Columbiatik ordu eta laurdenera, metroz. Brooklynen bertan hiru milioi lagun bizi dira. Ni espezie oso konkretu bat nintzen hirian: gizona, zuria, unibertsitarioa, irakasteagatik ematen duten beka moduko bat jasotzen zuena. Ez da izugarrizko diru-sarrera, baina bada nahikoa gentrifikazioaren lehenengo agentea izateko. Horregatik bizi naiz pozik Santutxun, halako gatazkarik ez delako gertatu auzo honetan, oraindik ez behintzat. Argazkia: Dani Blanco. Azalduko zenidake zer-nolakoa den gentrifikazio-prozesu hori? New Yorken, gerraurreko etxe batean bizi nintzen, ordaindu nezakeen toki batean. Halako etxeek alokairu mota finko bat daukate: alokairuaren urteko igoera ez du merkatuak erabakitzen, esan ohi den bezala, baizik eta hiriak edo estatuak. Beraz, oso gutxi igotzen da eta jendea geratu daiteke luzaroan etxebizitza horietan. Nire blokeko biztanle gehienek 30 urte inguru zeramaten han, edadetuak ziren, eta Karibe ingurukoak. Gehienak emakumeak eta gehienak beltzak. Hiru urtez bizi izan nintzen han, eta hasieran eta amaieran blokera sartzen eta irteten ziren gorputzak asko aldatu ziren. Zergatik? Ba justu auzoko zona bat oso cool bilakatu zelako, eta orduan jendea hasi zen ni bizi nintzen inguru horretara etortzen, eta han bizi zen jendea botatzen. Bizilagun bat joaten denean, alokairuaren prezioa pixka bat igotzen da, legeak baimendu adina, eta beste norbait sartzen da. Nire espeziea ez da halako etxe batean bizi 30 urtez, askok urtebete baino ez dute egiten. Orduan, pixkana-pixkana, prezioa badoa gorantz, eta kopuru jakin batera iristean, apartamentua merkatura askatzen da. Eta akabo. Eta horren aurrean zer egin zitekeen? Hori ere izan zen New York niretzat: nola kudeatu nik eta nire gorputzak nik erabaki gabe eragiten zituen menderakuntzak, nola aldatu nik erabaki gabe inposatzen nituen gauza horiek. Orain, desirak aztertzen ari zara. Desira ez da bakarrik nor maitatu eta norekin jo larrua, desira da zer bizitza nahi dugun, estatu bat nahi ote dugun… Hor badago arauaren ideia bat, eta ez da binarioa, baizik eta lerro bat. Gure gorputzak lerro horretan zehar daude kokatuta, eta gu arauan sartu ala ez, arauaren arabera desira dezakegu. Euskal Herri independentea desio dudala esaten dudanean zer esan nahi dut, zer beste desira jartzen ditut martxan? Ezin da desiratu herri bat airean, eta desira batzuk kudeatu egin behar ditugu, izan behar dugu desira batzuen oso jabe. Adibidez? Bi desira hegemoniko ikusten ditut; bata, desira neoliberala, hau da, indibiduo buruaski ekintzailearen desira: bakarrik nago eta besteen kontra eraikitzen dut herria; bestea desira etnikoagoa da, Silvia Federiciren hipotesiari tiraka: Euskal Herriaren desira etnizistak gorputzak ekoizteko faktoria gisa ulertzen du emakumeen gorputza. Loturarik ba al dago bien artean? Azkenean, beti ekoizten da gizonezko kategoria bat. Esaten dugunean euskaldunak gatozela ez dakit nondik eta ez dakit noiztik, belaunaldiz belaunaldi iritsi garela hona, Europako zaharrenak garela, modu idilikoan islatzen dugu emakumeen figura, menderakuntza konkretu bat da, hor desiratzen den herriak emakumearen gorputzaren menderakuntza sustatzen du. Desira neoliberalean desiratzen den herriak, berriz, esplotazioa sustatzen du: nik badaukat, eta nik zerbait edukitzeko zuk ez duzu edukiko. Jakina, nik neuk desio dut bizitza on eta duin bat, baina horrek zer esan nahi du? Ezin al dugu bizitza on eta duin bat lortu, botere-menderakuntzak modu justuagoan kudeatuta? Uste dut posible dela. Etorkizunari buruzko galderak arriskutsuak izan ohi dira. Nik beti esaten dut: egin, saiatu. Karmela bezalako espazio batek aukera hori eskaintzen du. Gauzak joango dira batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerrago, baina egin ezazu, saiatu zaitez, eta aterako da zerbait, eta ez bada bikain ateratzen, bada konpondu. Ez dago besterik.
news
argia-6199b4faab11
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/ziklo-honen-amaiera-bueltan-dago.html
Ziklo honen amaiera bueltan dago
Endika Alabort Amundarain
2017-04-30 00:00:00
Ziklo honen amaiera bueltan dago Badaramagu pare bat urte krisitik ateratzen; datu makroekonomikoek hori erakusten dute, batez ere Barne Produktu Gordina (BPG) erreferentziatzat aukeratzen badugu. Horren adibide bat dira Euskal Ekonomisten Elkargoak sei hilero argitaratzen duen Ekonometroan lortutako emaitzak: 2014ko abendutik hona egin diren ia inkesta guztietan, galdetutako ekonomisten %40k egoera hobetuko dela dio; beste %45-50ek, berdin mantenduko dela. Enplegu arloan, aldiz, egoera ez da kolore berekoa. Hala ere, Errezesio handia deituriko krisi hau amaitzear dago? Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuak aztertuz, hausnarketak ez du batere poztasunik sorrarazten. Har dezagun erreferentziatzat 2008. urtea, krisia hasi zenekoa. Orain dela bederatzi urteko BPG maila berreskuratu dugu. Pertsona enplegatuen kopurura ez gara heldu, %90ean gaude, ordainketak eta lan orduak ere %90ean geratu dira. Hortaz, gaur egungo hazkundearen datuak tentuz hartzeko modukoak dira. Brexit-aren ondorio ekonomiko eta Batasuneko ekonomiaren dinamikek krisia berpizteko indar nahikoa izan dezakete 2019an Gainera, adituek diote ekonomi hazkunde honek epemuga duela. Roberto Ruiz-Scholtes, UBS Espainia konpainiako Estrategia Zuzendariak esan du 2019an egoera ekonomiko oker batera bueltatuko dela Espainia, eta hedapenez, gure lurraldea ere. Europan hazkundea moteltzen ari da eta badirudi hazkundearen zeinu positiboari eutsiko diotela Europar Batasuneko kideek; hala ere, Brexit- aren ondorio ekonomiko eta Batasuneko ekonomiaren dinamikek krisia berpizteko indar nahikoa izan dezakete 2019an. Orduan, 2014-2016 artean zergatik eman da berreskurapen ekonomikoa? Daniel Albarracínen hitzetan, krisiaren errebote-efektua eman da, enpresa eta lanpostu ugari desagertu direlako: enpresa kopuru murritzago batek merkatuaren zati handiago bat hartzen du. Aldi berean, energiaren prezioa (petrolioa, batez ere) jaitsi eta gastu publikoaren murrizketa eten da, ekonomian eragin positibo bat izan du. Esportazioak ere handitu dira, ezaguna denez, bertoko industriaren parte garrantzitsu bat Europa Erdialdeko herrialdeen industria osagarria baita. Herrialde horien egoera hobera doanean, geure industriarenak antzeko zeinua eraman ohi du. Europar Banku Zentralak egoera lagundu du, interes tasak murriztean, finantziazioa erraztuz, merkatuz. Enpresa transnazional eta haien filialek diru merke horri onura atera diote, euren jarduera ekonomikoa sustatuz. Hau da gure esportazioen indarra azaltzen duen elementu garrantzitsu bat, enpresa multinazionalen finantzaketa merkeak erraztu duena. Laburbilduz, ekonomiak hamarkada bat galdu du eta horrek azaltzen du hazkunde ekonomikoa. Baina, aldi berean, begi-bistan denez, berreskurapen honek iraupen motza dauka.
news
argia-1b1c60db377c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/bernarda-alba-revisited.html
Bernarda Alba revisited
unknown
2017-04-30 00:00:00
Bernarda Alba revisited Azken aldian euskal antzerkia sasoiko dabilela esango nuke. Poztekoa da Francoren bilobari gutuna bezalako antzezlana taularatu izana zenbaiten elkarlanean oinarrituta. Edo esperimentazioa lantzen jarraitzea han-hemenka, adibidez, Mr. Señora eta Miss Kabaret modukoak onduz. EHAZEk martxan jarri berri duen argitalpen zerbitzua ere aipatzeko modukoa da: bertan liburu formatuan argia ikusi duen Arrastoak antzezlana, gidoiaz gain argazkiak eta dramaturgiarako oharrak ere badituena. Narratiba nagusi da euskal literaturan, bai idazketan, baita argitalpen eta irakurketan ere. Poesiak badu bere irakurlegoa, txikia izanda ere fidela dena. Antzerkia… Nork irakurtzen du antzerkia? Antzerkia ikusteko eta entzuteko ez da, ala? Kontua da hasi direla ohikoa baino liburu gehiago argitaratzen eta gustura hartu dugu joera aldaketatxo hau. Antzerki sortzaile batzuk hasi dira antzezlanak taularatu ondoren testua argitaratzen obra horren azken pauso bezala: Erleak, satorrak, beleak edo Koadernoa zuri kasu, tradizionalki egin izan denaren kontra.    Bi ahizpa dira liburu honetan narrazio bihurtutako jatorrizko antzezlanaren protagonistak. Arantxa Iturbek egindako moldaketa irakurrita gomendagarria litzateke egunotan Euskal Herriko hainbat lekutan izenburu berarekin taularatzen ari diren antzezlana ere ikustea. Ama hil berria da eta 20 urtez desagertuta egon den Begoña herrira bueltatuko da, amaren etxera, eta bertan Arrate ahizpa nagusiarekin, bere haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenekin eta bere amaren itzal luzearekin topo egingo du. Ekitaldi eta agerraldiak kapitulu bihurtu ditu egileak, baina kapituluetako izenburuek, narratzailearen kontaketak eta pertsonaien arteko elkarrizketek ekintzak irudikatzen lagunduko digute. Iluntasuna, hoztasuna, hauskortasuna, mina, beldurra, isiltasuna, haserrea eta tristura aurrez aurre jarriko dira orriotan ametsekin, hitzekin, maitasunarekin, adiskidetasunarekin, elkartasunarekin, pozarekin, askatasunarekin eta konplizitatearekin. Arantxa Iturberen ahotsa irratian entzutea edo bere testuak irakurtzea beti da plazera. Gustura irakurriko nituzke/ditut Agurtzane Intxaurragarekin idatzi dituen beste antzezlan argitaragabeak eta etortzeko dauden beste guztiak. Itxaro Bordak Milia Lasturkoren eresia ren berridazketa gogorarazi dit lan honek, La casa de Bernarda Alba -ren oihartzuna duelako, eta Bordak egin bezala Milia Lastur on the road testuan, Arantxa Iturbek egindako Bernarda Albaren berridazketa, moldaketa edo gaurkotze lana irakurtzera (eta ikustera) gonbidatzen zaituztet.
news
argia-80a90d38b3bf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/bizi-era-bat-betirako.html
Bizi era bat betirako
Iker Barandiaran
2017-04-30 00:00:00
Bizi era bat betirako Talde gutxi dira Euskal Herrian –besterik badago– inor gutxi alboan duela hain luzaroan musikaren itsasoan bakardadean arraun egin eta egiten duena. Arrasatekoa da El Desvän del Macho baina eskaintzen duena ezagututa ez da erraza haren jatorria antzematea. Horretarako halabeharrez historian atzera egin beharra dago: 80ko hamarkadan sortutakoa da taldea, punkaren gerizpean –eta askotan erasopean– existitu zen eszena aberats baina gutxietsitakoaren errautsetatik. Siniestroak, post-punkak ziren El Desvän-en aurrekari Matrona Impudica eta Jugos de Otros-en gisako taldeak eta Stranglers zein The Cure jarraitzeko gai baziren ere, 90eko hamarkadan Sonic Youth-en eskaintzarekin txunditzeko eta berau gurtzeko azkartasuna izan zuten. Beste batzuek baino lehenago artaldetik kanpo egin zuten, bide propioa hartuta arriskatu eta guztia kontra bazuten ere, aurrera egin zuten beti ideiak garbi eta egiten zutena maitatuz. Taldearen sortzaile eta gidaria beti izan da bera, JG Izcue alegia. Aipatutako taldeak erditzeaz gain, sasoi luze batean Cancer Moon taldean ere aritu zen eta lagun zuen Leopoldo Maria Paneroren hitzak musikatuz El Leprosario sortu zuen Iñaki Bengoarekin batera. Hala ere, 1989tik gaur egunera arte El Desvän del Macho hirukotearekin buru-belarri dabil eta tarteka agertokietan ikusten ez baditugu ere, zuzeneko irmoak egiten jarraitzen du taldeak. Egunotan Funeral económico kaleratu du, bosgarren disko luzea. 1993an Hermana violencia kaleratu zuen post-punkaren birtuosismoa eta iluntasuna pop-arekin ezkondu eta industrialaren aurrekaritzat ere har genezakeena, Nuevos Medios diskoetxearekin. Hiru urte geroago, Alehop diskoetxearekin bizitza osorako ituna eginda, Lumbar kaleratu zuen jantzi pop-rockeroagoarekin baina intentsitatea eta ezinegona barne dituena. Lozorro luzearen ostean, 2008an Vida a partir del huevo -rekin apurtu zuten oskola eta ordura arteko disko entzuterrazena kaleratu, nahiz eta zuzenekoetan post-hardcore kutsua gehitu. Hala, 2013ko Simplicis diskoak aurreratutako eraginak hartu zituen aldean (Today is The Day, Unsane...). Orain Funeral económico apaldu da gordintasunean, ez ordea hitzetan –taldearen marka dena– eta berezko erritmo aldaketa jolas, dotorezia, kabalkada eta baxu sarkorrari gehitu dizkio Primus -en kadentziak ( La castidad del omóplato ), Mike Watt-en aberastasuna ( Balido felpudo ), post-rockaren esentzia ( Ustel edo la vaca ) zein patroi rockeroa ( Petrogrado ), besteak beste. Eta ezin aipatu gabe utzi diskoaren azala, kontrazala eta barnea Luis Duran artista handiaren komiki batek osatuta dagoela. Eta biniloak CDa ere du opari.
news
argia-7d36539ba973
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/el-salvador-munduan-metalen-meatzaritza-debekatu-duen-lehena.html
El Salvador, munduan metalen meatzaritza debekatu duen lehena
Pello Zubiria Kamino
2017-04-30 00:00:00
El Salvador, munduan metalen meatzaritza debekatu duen lehena Meatzaritza irentsarazteko, salvadortarrei era guztietako ametsak eskaini zizkieten, industriak bezala garapenerako laguntzak, lanpostuak, administrazioaren diru iturri berriei esker eskola eta ospitale berriak. Baina amesgaiztoak laster erakutsi zuen belarria, uraren kutsadura eta korporazioen bortizkeria tarteko. Azkenean martxoan, herri mugimenduen mobilizazio luzeen ondoren, El Salvador bilakatu da munduan metalen meatzaritza debekatu duen lehenbiziko herrialdea. Martxoaren 29an El Salvadorreko legebiltzarkide guztiek –abstenitu zen dozena bat ez beste guztiek– beren botoekin berretsi zuten herrialdean metalak erauzteko meatzaritza debekatzen duen lege berria, horrek ingurumena eta gizakien osasuna kaltetzen dituela eta "familien garapenarentzako eta ongizatearentzako mehatxua dakarrela" dioena. Legeak debekatzen du metalak eskuratzeko prozesu oro, izan bilaketa, erauztea, ustiatzea edo ekoiztea, lurpean bezala egun argitan, horretarako edozein kimiko toxiko erabiltzea bezala. Meatzaritza den arren munduko paraje askotan kezka eta istilu eragile nagusienetakoa, munduan ez da beste herrialderik El Salvadorrek eman duen urratsa egitera ausartu denik. Erabakiaz Legebiltzarreko lehendakari Guillermo Gallegok esan zion BBC telebista britainiarrari: "Ebazpen historiko, adoretsu eta erabakigarria izan da. Gure herria oso txikia da lurrez eta bertan metal meatzaritza egitea suizidioa litzateke". 2005etik mobilizazio handiak zeuden arren debekuaren bila, garrantzi berezia eduki du mugimenduari Eliza Katolikoak bere babesa eman izanak. Omar Téllezek kontatu duenez Así es como El Salvador logró prohibir la minería metálica en todo el país kronikan, hierarkia katolikoaren urratsean erabakigarria  gertatu zen 2015ean Frantzisko aita santuak argitaratu zuen Laudato si entziklika, zeinak kristauen konpromisoa aldarrikatzen baitu klimaren aldaketaren eta honek batik bat munduko txiroenen artean dakartzan kalamitateen aurrean. "Entziklikan Frantzisko oso gogor mintzatu da meatze-konpainiez  eta ura giza eskubide oinarrizkoa dela predikatzen du". Elizaren jarrerak asko erraztu du jarduera horren kontrako kontsentsua El Salvadorreko gizartean, eta ondorioz legebiltzarreko bozketa. Lurraren Lagunen elkarteko liderretakoa den Ricardo Navarro salvadortarrak The Ecologist en azaldu du lege berriaren garrantzi historikoa: "Hamarkada luzez iraun duen gatazka honetako garaipenak erakusten du jendeak gaina hartu diezaiekeela korporazioen interesei eta irabazi. El Salbadorreko herria gailendu zaie meatzaritzako erraldoiei". Ez galanki borrokatu gabe. Lurraldez oso txikia izanik biztanlez gainezka dagoen El Salvadorren –310 biztanle kilometro koadroko, kasik Gipuzkoak adina– meatzaritzak iragan beltza dauka. Urte luzez araurik gabe garatua, agintariek atzerriko konpainiei bidea erraztu zieten beti: metal erauzte eta ustiatzeak erreka, aintzira eta gainerako ur guztiak kutsatuak zituen, jendeak bezala soroak eta kabalak. Agintariek are gehiago babesten zituzten meatze-konpainiak 2004an  Erdialdeko Amerikako herrialdeek eta AEBek CAFTA nazioarteko ituna sinatu zutenetik, praktikan El Salvadorreko landa eremuen jabetza utziz Holcim, Monsanto eta Pacific Rim konpainien eskuetan. Lekuko elitearen kolaborazioarekin, multinazionalok ekin zioten El Salvadorreko natur baliabideak esportatzeari. Atzerriko inbertsioak hazi ziren 1992ko 30 milioi dolarretatik 2008ko 5.900 milioietaraino. Kutsadurak nozitzera kondenatutako herritarren artean are gehiago handitu zen haserrea 2012an zabaldu zenean  gobernua 22 eskari ari zela aztertzen urre meatzeak baimentzeko, El Salvadorreko lur eremu guztiaren %4,3 desjabetzea ekarriko zuen horrek. Jendeak ondo zekien berehala zetorkiela lur lapurreta, multinazionalek ez galdeketa, ez negoziazio eta ez kalte-ordain txukunik gabe egina gainera. Eta hedatu zen erresistentzia: protestak, auzitegietara jotzea, elkarretaratzeak, lur okupazioak... Ibilaldi nazional bat ere antolatu zuten presidentearen jauregiraino. Jendeak lehenbiziko aldiz gogor egin zien aurre multinazionalei. Odol markak urretan Disidentzia beren biziarekin pagatu zuten meatzaritzaren kontrako hiru militantek. Eta askok Pacific Rim konpainiaren esku beltza salatu zuten. 2002tik zebilen El Salvadorren Pacific Rim kanadarra. 2008an San Salvador hiriburutik 65 kilometrora El Dorado meategia ustiatzeko baimena eskaturik, gobernuak ukatu egin zion herri mugimenduen eta Elizaren presioz. Pacific Rimek auzitara jo zuen kalte ordainetan 700 milioi dolar eskatuz eta giroa oso gaiztuta zegoen El Dorado dagoen Cabañas probintzian. 2009ko ekainaren 30ean Marcelo Riveroren gorputza azaldu zen San Isidro de Cabañaseko iturri baten ondoan, hil aurretik torturatua izanaren marka beldurgarriz. 37 urteekin, Pacific Rimen kontrako kanpainetan liderretako bat zen. Abenduaren 20an Ramiro Rivera hil zuten M-16 fusil militar baten tiroz Sensuntepeque herrian; aurretik beste eraso bat jasana, poliziak babestuta zeukan... ustez. Sei egun geroago, herri berean, fusil beraren suz hil zuten Dora Alicia Sorto, 32 urte, zortzi hilabeteko haurdun, errekara zihoala gobada egitera. Konpainiak ukatu zuen zerikusirik zuenik, agintariek ez zuten hiltzailerik atzeman, herrietan zabaldu ziren familien arteko istiluen zurrumurruak... El lado oscuro del oro. Impactos de la minería metálica en El Salvador liburuan Florian Erzinger, Luis Gonzalez eta Angel Ibarrak kontatua dute garai hartan "urrearen sukar" berria bizi zela Erdialdeko Amerikan, urrearen prezioak ontzako 1.000 dolarreko muga gaindituta. 2005-2009an agintzen zuen Antonio Saca eskuindarra hasieran multinazionalei eskuak libre uztearen aldekoa zen, baina atzera egin zuen hauteskundeak gainean zituela eta. 2009an ARENA alderdiak galdu zuen bozketa, eta meategirik ez baimentzeko promesa zekarren FLMN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronte ezkertiarrak irabazi. Gerrillari-ohiek patata beroa heredatu zuten. 25 meatze-proiektu zeuzkaten aurkeztuta korporazioek, argudiatuz 12 milioi ontza urre –336 tona– eta 78 milioi zilar –2.185 tona– ekoiztuko zituztela. Hori bai, 22 milioi litro ur xahutuz eta 950 tona zianuro toxiko erabiliz. Gizarte mugimenduek zabaldu zuten Biziak urrea baino gehiago balio du leloa. MOVIAC Klimaren Aldaketak eta Korporazioek Kaltetutako Jendeen Mugimendua eta No a La Minería bezalakoak indartu ziren eta gatazka internazionalizatzea lortu zuten. Pacific Rim boteretsuak txirotasunean murgildutako El Salvadorri kalte-ordainak ezarri nahi izateak mugiarazi zituen berez ingurumen aferekin oso sentiberak ez diren hainbat politikari nazionalista. Goldman Ingurumen saria irabazia den Ricardo Navarrok esan duenez, "El Salvadorren garaitu arren, mundu justu eta jasangarriago baten aldeko borroka ez da bukatu. Baina itxaropenez egin dezakegu aurrera, ikasi dugulako jende normalak elkarrekin lana eginez alda dezakeela mundua".
news
argia-27b56bef04bd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2551/justo-bolekia-boleka.html
"Ekuatore Ginean ez dago estatus ofiziala duen hizkuntza autoktonorik"
Miel Anjel Elustondo
2017-04-30 00:00:00
"Ekuatore Ginean ez dago estatus ofiziala duen hizkuntza autoktonorik" Ekuatore Gineako hizkuntzen egoeraz EHUko Letrak fakultatean hitz egin zuen joan den martxoan Justo Bolekia Boleká irakasleak (Santiago Baney, Bioko uhartea, 1954) Unesco Katedrak eta Manuel Iradier Afrikazale Elkarteak antolaturiko ekitaldian. Bolekia doktore da Madrilgo Konplutentse eta Salamancako unibertsitateetan eta Frantses Filologia Saileko irakasle katedraduna Salamancakoan. Jaioterriko bubi hiztuna da eta haren aldeko ekimenetan saiatua, elpueblobubi.com atarian ageri denez. Zure izenak badu historia, ez Justo ez beste, Busupé zarela esan zenuen hitzaldian. Ez duzu nolanahiko izena. Herenaitaitaren izena dut, birraitaitarena, aitaitarena, aitarena… Txikitan ere, Busupé hots egiten zidaten aitaren lagunek. Halarik ere, nire adinkideek ez zeukaten horrelako lizentziarik, ez zuten nire baimenik. Horrela da gure kulturan. Nire adineko inork nire oniritzirik gabe niri Busupé deitzea iraintzat hartuko nuke eta aurre egingo nioke. Ni baino zaharragoek, aldiz, haizu zuten niri Busupé hots egitea. Madrilera heldu zinen 1977an, eta laster zinen unibertsitatean. Lehenengo eskola egunak badu historiarik. Sartu da irakaslea, eta ni zutitu, gure herrian ohi zenez. Eta gainerako ikasleak, eta irakaslea bera, niri begira. Ni nabarmen, zutik, eta are nabarmenago, beltza dut larruazala. Jarri nintzen halako batean ere, baina segituan, irakasleak: "Hi!". Ni, neure artean: "Ez da niri ari! Etorri berria naiz!". Ondoko ikasleari zuzendu nintzaion: "Hiri ari zaik!". "Ez, ez, hiri ari zaik!", berak. Zutitu nintzen, eta irakaslea galdezka: "Nola duk izena?". "Justo da nire grazia". "Justo? Hi beltza eta Justo? Eta ni zuria izanik, zein ote da bada nire izena?". Ataka horretan, izena Busupé nuela erantzun nion. Ahoskatzeko gauza ere ez zen izan, jakina. Zer ekarri zuen pasadizo horrek? Kontzientziazioa, identitatearen bila ibiltze bat, neure kulturan ez hazia izateagatik datorren haserrea, amorrua, frustrazioa… Gauza asko. Izenak, gure kasuan, identitate jakin bat dakar, hizkuntzak identitate jakin bat dakarren moduan, identitatearen oinarri baita hizkuntza. Madrileko unibertsitateko anekdotak neure kulturaren esentzia berreskuratzen lagundu zidan. Askok ez du hitza maite, "esentzia", esentzialtasunak singularra esan nahi duelako, eta singulartasunak, partikulartasunak, talka egiten du gauza komunaren kontra. "Ni bubi naiz… ni euskalduna… ni katalana…". Horrek, dudarik gabe, talka egiten du homogeneotasuna besterik aldarrikatzen ez dutenen kontra, politikoki zuzenaren eta konbentzionalismoaren kontra. "Bubi hizkuntza galduko bagenu, herri bezala desagertuko ginateke" Bazen lelo bat, arrazakeriaren kontrako kanpaina baten goiburu sortu zutena: "Berdinak gara, ezberdinak gara". Kultura guztietan dago pertsonak garuneko hemisferioak garatu baino lehen hezteko nahia. Pertsonak homogeneotasun hertsi baten barruan hezten direnean, alferrik da hortik ateratzen saiatzea. Neke da delako pertsona hori helduarora iritsi eta gero homogeneotasun horretatik atera dadin saiatzea, inoren singulartasunaren eta esentzialtasunaren kontra altxatzeko jarrera izango baitu. Ez du merezi haien desarrazoiaren aurka jardutea. Zein da Ekuatore Gineako hizkuntza mapa? Gure herrialdean, %75ak fan hizkuntza hitz egiten du, %15ak bubi hizkuntza, eta gainerakoek ingeles pidgin-a eta beste hizkuntzaren batzuk. Hala ere, espainola, frantsesa eta portugesa dituzu hizkuntza ofizialak. Bubi hizkuntzak, esaterako, ez du batere ofizialtasunik, estatusik ez, ez ordenamendu juridikoan, ez oinarrizko legean, konstituzioan. Gure herrialdean ez dago estatus ofiziala duen hizkuntza autoktonorik. Nola bizirauten dute hizkuntza ez-ofizial autoktonoek Ekuatore Ginean? Hizkuntza zein den. Fan hizkuntza, adibidez, Ekuatore Ginean ez ezik, Gabon, Kongo eta bestetan hitz egiten da, hiztun asko baino gehiago ditu. Bubiari dagokionez, bubi hiztunek beren hizkuntzari eusteko duten borondate irmoari esker irauten du. Are gehiago orain, gazte belaunaldiak kontzientzia hartzen ari baitira, hizkuntza beren identitate eta kulturaren oinarri dela jabetzen. Musikari gazteek bubi hizkuntzan kantatzen dute, antzezleak bubiz ari dira, ohitura eta erritual zaharrak berreskuratzen ari direnak ere bubiz ari dira… Mugimendu horrek hizkuntzari bizirauten laguntzen dio. Ez-ofizialtasunak ere baditu ajeak. Ez dugu eskola publikoan irakasterik, kultur etxeetan izan ezik. Eta hori onenean, gobernuak bere burua "mehatxatua" ikusten duen kasuetan kultur etxea herstera jotzen baitu, iaz gertatu zen moduan. Zertan da familia transmisioa bubi hizkuntzaren kasuan? Espainola eta frantsesa ahalduntze sozioekonomikoaren hizkuntza bihurtu direnez, guraso askok nahiago dute beren seme-alabek espainolez, frantsesez edota ingelesez hitz egin dezaten, uste baitute hizkuntza horiek jakinez gero errazago inguratuko dutela lana. Familia transmisioak huts egiten duenean, gogo onez hartuko genuke eskolak hizkuntza irakastea. Haurrak ikusten du gurasoek etxean hitz egiten duten hizkuntza ez dela berak eskolan ikasten duena. Egokiera horretan, ikusiko balu irakasleak agintzen diola gurasoei edo aitaita-amamei galdetzeko nola esaten diren gauzak beraien hizkuntzan, jakin-mina piztuko litzateke haurraren baitan, ikasteko bidean jarriko litzateke. "Erabilera borondate politikoaren gorabehera da, sustatu egin behar da" Irakasteak erabilera ekarriko luke automatikoki? Ez, hizkuntza asko irakasten dira eskolan, baina ez dira erabiltzen. Atzerriko hizkuntzen kasua da, adibidez. Irakasten dira, ikasten dituzte, baina ez dira erabiltzen. Lehenengo, ez dagoelako erabiltzeko beharrik. Hemen, esaterako, solaskideak espainolez mintzo zaizkizue, eta denok dakizue espainolez. Ez dakienak ez du zertan ahalegin txikiena ere egin euskaraz ikasteko, edo hitz egiteko. Erabilera ez da, bakarrik, hizkuntza irakatsi eta ikastea. Erabilera borondate politikoaren gorabehera da, sustatu egin behar da, pizgarriak asmatu, erabiltzen duen jendea saritu, merezimendua aitortu. Horrela bultzatuko duzu jendea dena delako hizkuntza erabiltzera. Saririk gabe, nekez. Zer gertatuko litzateke bubi hizkuntza galduko balitz? Herri bezala desagertuko ginatekeela. Kulturari dagokionez, desagertu egingo ginateke, pertsona gisa bizirik iraungo bagenuen ere. Bada ondorengo belaunaldiei helarazi nahi diegun ondare bat, eta ezin dugu ondare hori gaztelaniara itzuliz transmititu. Ez du zentzurik. Europako herrialde askotan arazo da hizkuntza bat baino gehiago izatea. Elebitasunak pena eta neke handiak ditu. Nola kudeatu Afrikako herrialdeetako hizkuntza mordoa? Afrikako politikarien maila intelektual eskasak eragotzi egiten du hizkuntza politikarik, eta kontinenteko estatu askotako eleaniztasuna kudeatzea. Ez litzateke zaila ere, hizkuntza bakoitza espazio jakin batean lokalizaturik baitago, eta hizkuntza bakoitza legez aski babestua egon baitaiteke espazio horietarik bakoitzean. Eragozpenik gabe irakatsi beharko litzateke Lehen Hezkuntzako eskoletan tokian tokiko hizkuntzan irakurtzen eta idazten, neska-mutilak nahitaez ikasiko baitu atzerriko hizkuntza ofiziala kalera orduko. Aldiz, bere-berea duen hizkuntza autoktonoa ikasteko ez du eskola beste biderik izango.
news
argia-409e53e1868e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2431/ozono-geruza-behar-baino-arinago-ahantzarazi-nahi-den-arazoa.html
Ozono geruza, behar baino arinago ahantzarazi nahi den arazoa?
Joxerra Aizpurua
2014-10-05 00:00:00
Ozono geruza, behar baino arinago ahantzarazi nahi den arazoa? Iraileko lehen astean, hainbat telebista katetako albistegietan, aurten ozono geruzak ia kalterik jasan ez duela esateaz gain, ozonoaren krisia amaitzear zegoela adierazi zuten. Entzundakoak asko harritu ninduen. Izan ere, ozono geruzaren unerik kritikoenak irailaren bigarren hamabostaldian izaten dira. Bestalde, urtebetez datu onak izateak baliorik gabe uzten du, besterik gabe, 30 urtean neurtutako datu-segida? Orain arte NASAk publiko egindako iraileko datuetan ez da baieztatzen irail hasieran hainbat telebista katek azaldutakoa; are gehiago, iraileko datuak azken 30 urteotan neurtutako batez bestekoak baino txarragoak direla esan daiteke. Joan den mendeko 80ko hamarkadan agerian geratu zen ozonoaren krisia: hainbat ikerlarik atzeman zuten Antartikan, negutik udaberrira igarotzean, ozono geruzak oso behera egiten zuela. Hurrengo urteetan baieztatu zen jaitsieraren erantzule nagusiak gizakiak emititutako klorofluorokarbonatuak (CFC) zirela. Zorionez berehala debekatu zituzten ehunka urteko iraupena duten CFCak, baina egia esan oso aurreikuspen katastrofistak zeuden hurrengo urteetarako. Mende honetako lehen hamarkadan, urtez urte Antartikan neurtutako datuak txarrak izan dira ere. Azken bost urteotakoak, egia, ez dira hain txarrak izan, baina onak ere ez. Abuztu amaierako eta irail hasierako datuak erabili dituzte albistegietan ozonoaren galera iraganeko kontua dela esateko, baina ikuspuntu zientifikotik urte asko igaro beharko dira hori ziurtasunez baieztatzeko. Nork du interesa eta presa ozonoarena ahazteko, edota azken hamar urteotan Lurreko tenperaturak ez direla igo plazaratzeko? Badirudi batzuek bidea libre behar dutela garapen ekonomikoaren izenean edozer egiteko, orain arte Lurrari sortu dizkiogun arazoak ñimiñoak direla justifikatuz.
news
argia-27eff6ccd73c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/argi-luzea.html
Argi luzea
Mikel Irizar
2018-10-07 00:00:00
Argi luzea Hemezortzi urte inguru nituen eta Madrilen bizi nintzen. Halako batean erabaki nuen euskaldun izango nintzela, euskal herritar eta euskal hiztun, modu aktiboan eta kontzientean. Erabaki horretan faktore askok izan zuten eragina, baina pentsamoldearen zutabea liburukote batek jarri zuen: Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egindako kongresuaren emaitzen bildumak, hain zuzen. Herri egitasmo oso bat aurkitu nuen bertan, eta egitasmoaren partaide izatea deliberatu nuen. Izan ere, duela 100 urte Oñatin gertatu zena historikoa da: garaiko jakinduria zuen elitek euskal herriaren etorkizuna sakon aztertu zuten eta garatu beharreko estrategien oinarria jarri zuten gizartearen eskutan, kongresu amaierako aurreskuak eta soka-dantzak sinbolizatzen duten moduan. Esparru askotan aritu ziren, baina nik bereziki gogoratzen ditut euskarari zegozkionak: ikastolak, unibertsitatea eta Euskaltzaindia. Eusko Ikaskuntza bera kongresuaren ondorioz eratu zen, hango lanei jarraipena emateko. Lehen urteetan irabazitako prestigioaren adierazle argia da Espainiako Errepublika garaian erakundeari eman zitzaion enkargua: Autonomia Estatutua idaztea, alderdien esku jartzeko. Lizarrako Estatutaren lehen bertsioa landu izana da niretzat Eusko Ikaskuntzaren gailurra, herri egitasmoari egindako ekarpen nagusia. Ehun urte geroago Eusko Ikaskuntza ahalegin betean ari da, frankismoaren jazarpenak eta ondorengo katramilek utzitako ajeak gainditzeko eta berriro herri egitasmoaren zerbitzura jartzeko. Oraingo ahalegin honetan mila lagunetik gora ari gara, jakinduria askoz hedatuagoa dagoenez, eta niretzat ohore handia da euskararen etorkizunaz diharduen talde eragileko kide izatea. Zinez uste dut argi luzea pizteko premia larria dugula. Frankismotik irteeran ekintzan murgildu ginen bete-betean eta ez dugu asti handirik hartu egindakoa ikertzeko edo datorrena usaintzeko. Beharrezkoa da, ordea, begirada altxatzea eta argi luzea piztea; argi motzarekin bide guztiek dirudite zuzenak, soilik luzearekin antzematen dira bidearen bihurguneak. Aurtengo udazkenean burutuko den Eusko Ikaskuntzaren kongresu sortak ekinbide horretarako lehen oinarria jarri nahi luke; alegia, hurrengo hamarkadetan euskal komunitateak izan beharreko bilakaeraren ildo nagusiak proposatzea eta gizartearen esku jartzea. Jakinda, hain zuzen, gizarte eragileei eta ordezkariei dagokiela erabakiak adostea eta ekimenak gauzatzea, munduan eta gurean bide egiten ari den gobernantza kolaboratiboaren logikan. Lau hamarkada –ia bost– joan dira Madrilgo erabakitik, eta bizi-bizirik dirau.
news
argia-251107db1c1e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/ibilera-baten-oinatzak.html
Ibilera baten oinatzak
Amaia Serrano Mariezkurrena
2018-10-07 00:00:00
Ibilera baten oinatzak Duela hogei urte argitaratu zuen Andoni Egañak Pausoa noiz luzatu eleberria, Joseba Jaka beka lortu ostean. Izenburu iradokitzailekoa, gaiaren aldetik ezberdina, eta idazmoldeari begira ere, landua. Nabari zaio Egañari ahozko hizkerako maisutasuna, pertsonaien ahotan jarritako esapideek borobiltzen baitute eleberri honen alderdirik literarioena (egitura narratiboa, narratzaile aldaketak, narrazio- eta fikzio-denborak, eta abar). Gertaera ilunei jarritako umoreak eta ironiak errealitatearekiko begirada zorrotza duen idazlea irudikatzera garamatza. Behatzailea ez ezik, inork begiratu ez duen lekuetara eta inork ez bezala so egiten duena. Militar batzuek Jakan egindako Errepublikaren aldeko altxamendua (1930) eta 1960ko hamarkadan Zarautzen sortutako Lanbide Heziketako ikastetxeko errealitatea dira eleberriko bi plano nagusiak. Batetik bestera jauzika, narrazio lineala guztiz puskatuta dago. Denbora-salto horiez gain, narratzaile ezberdinen ahotsek ematen dute gizarte hautsi baten berri. Zati horiek bilduz doaz, haria galdu gabe eta pertsonaia bakoitza bere tokian kokatuaz. Ez da inondik inora eleberri manikeoa, taxu askotariko pertsonaiek betetzen baitute. Bada, ordea, pertsonaia guztiak lotzen dituen bat: Frai Kandido, Zarauzko eskolako zuzendaria. Izaera konplexukoa, koherentziaz bizi nahi duena, baina errealitateak kontraesanean jarri duena. Frai Kandidoren iragana ez ezagutzeak dakarren misterioari lotzen zaizkio haren inguruko esamesak, nahiz eta ezjakintasun horrek hauspotzen dituen iritziek talka egiten duten haren benetako iraganarekin. Ezkutuko kontuak gorabehera, erabakiak hartzeaz gogoetarazten duen eleberri honetan, irudipena dut Frai Kandidoren apaizteko hautua ez dela hain garbi geratzen. Literaturari eginiko keinuak ere badira. Egoeren osagarri sinboliko bihurtuz, egoki txertatzen dira narrazioan zenbait olerki eta obren aipamenak; esaterako, Machado, Lorca edo Celaren La familia de Pascual Duarte (1942). Alabaina, eleberri polifoniko honetan zenbait ahots faltan izan ditut, ezen gizonezkoen munduak erakusten zaizkigu bertan (militarrena eta apaizena), bakanak izanik emakumezkoenak; bestelako oihartzunak ere ezin aurkitu ibili naiz, batez ere idazle edota errepublikazale euskaldunena. Ezin eskatu dena, ordea, eleberri bati; baina honetan irakurleak badu non gozatu.
news
argia-47fe8b9b8ddc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/flamenko-feminista.html
Flamenko feminista
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-10-07 00:00:00
Flamenko feminista Sara Barasen espektakuluak ikustea beti da plazera, dudarik gabe. Bere estetika garbi eta estilizatua, perfekzio teknikoa eta, orokorrean, gustu bikaina, Barasen ezaugarri nagusiak dira. Halere, hortik aparte, zentratu nahi nuke nire arreta alderdi zehatz batean: bere ikuskizunean emakumeari ematen dion paperean hain zuzen ere. Ezin dugu esan flamenkoan emakumeek ez dutenik rol protagonista. Bai, askotan flamenkoaren munduan andre pasionatuak agertzen dira, indartsuak ere bai, baina ohikoa da haien etorkizuna gizonek baldintzatua izatea. Sara Barasek planteatzen duen emakumea ez da horietakoa. Emakume indartsua da, eta ez du bere burua gizon baten ondoan neurtzen, edo gizonaren balorazioa kontuan hartuz. Bilbon eskainitako Sombras muntaian hauxe irakurri genuen eskuko egitarauan: "Esango dut behin itzal izan nintzela, inguratua, handia, txikia (…). Itzalak nigan, itzalak nigandik…". Espektakuluak ez zuen argumenturik, baina kateatzen ziren eszenetan emakumearen gogoetak irudikatzen dira, bere burua menderatzen duen emakume baten pentsaketak, gizonaren inongo erreferentziarik gabe. Ohiko flamenkotik urrundu egiten da Baras beste ikuspegi bat eskaintzeko. Alderdi kontzeptuala alde batera utzita, Sara Barasek burutzen dituen emakumezkoen eta gizonezkoen koreografiak oso berdintsuak dira, oso estilizatuak, esan bezala, baina inongo topikotan erori gabe. Barasek izugarrizko birtuositatea du zapateatuan, dantza basatia egiten du, eta aldi berean dotore eta estetikoa. Bestalde, talde osoaren exekuzioa akatsgabea izan zen. Momentu batzuk azpimarratu beharko genituzke: Sara Barasek eta José Serranok dantzatutako balsa, Keko Baldomero eta Leonard Cohenen musikarekin, benetan zoragarri eta iradokitzailea, baita Serranok dantzatutako tango apartak ere. Sekulako dantzaria da Serrano, pasionatua, teknikoki perfektua, eta kemen berezia transmititzen du. Gainontzeko guztia, goi-mailakoa. Luis F. Dos Santosen jantziak ametsetakoak ziren, oso eleganteak; Óscar Gómez de los Reyesen argiztapenak giro egokia lortu zuen uneoro eta Israel Fernández eta Rubio de Pruna kantariek aktuazio apartak egin zituzten.
news
argia-85a34d0315bc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/comete.html
Korapiloak memoriaren sarean
Ion Olano
2018-10-07 00:00:00
Korapiloak memoriaren sarean Mugaldeko jendea, halabeharrez, mugalari lanetan aritzen da maiz. Jendearekin batera igarotzen dira, batetik bestera, ondasunak eta kontakizunak. Bidasoaren alde bietan, oraindik ere, historia hurbilaren hainbat istorio dabiltza harat-honat: ahozkoak, idatzizkoak, ikus-entzunezkoak. Esaterako, Comète sarearena. Irailaren 14tik16ra, Bigarren Mundu Gerrako ihes-lerroan barrena ibili dira hemeretzigarrenez, eta emakume eta gizon haiek duela 75 urte inguru egindakoa oroitu dute. Testu hau sare izateko asmoz sortua da, irakurlea harrapatzeko gogoz, nahiago duen bidetik jarrai dezan ihes-lerroaren arrastoa. Izan ere, mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekuan, poetak zioen eran, etengabekoa da mugaren ariketa. Egun, igarotze bidean diren migratzaile ugari harrapatuta geratzen dira hesi fisiko eta administratiboetan. Askotariko sare klandestinoen bidez mugitzen dira erbesteratu ekonomiko eta politikoak –ez ote dira, nolabait, gauza bera?–, izan Sahara azpiko herrialdeetatik Mediterraneo itsasoaren bestaldera, izan Herrialde Katalanetatik Belgikara... Hain zuzen, Belgikako hiriburuan kokatu du kazetariak testu-sare honetako lehen korapiloa, 1940ko Bruselan. Nazien okupazioaren aurka antolatzen hasi ziren hainbat herritar, tartean Arnold Deppé eta Andrée De Jongh gazteak. Azken hori "Dédée" goitizenez ezagutzen zuten, eta gerora "Comète" izango zen sarearen buru izan zen, atxilotu zuten arte. Honela adierazi zuen De Jongh berak: "Ez ginen gu izan Comète izena eman ziotenak 'Dédée lerroa' izenez ezaguna zenari. Geroago, 1943ko urtarrilean atxilotu nindutelarik, [kideek] pentsatu zuten hobe zela izena aldatzea (...), esan zutenez: 'Zuek kometak bezalakoak zarete, bat atxilotzen dutelarik, beste bat dator atzetik'. Horregatik eman ziguten izen hori". Neurri handi batean, emakume gazte zibilek osatutako sarea zen Comète. Okupatutako lurraldean erortzen ziren pilotu aliatuak babestu, elikatu, eta Bruselatik Parisera laguntzea zen beren lehen egitekoa. Zeregin horretan aritu zen, besteren artean, Andrée Dumon, "Nadine" ezizenez ezaguna. Je ne vous ai pas oubliés (Ez zaituztet ahaztu) da haren autobiografia argitaragabearen izenburua –Donostiako San Telmo museoko liburutegian badute ale bat, sareko kide baten alaba Martine Le Grellek eramana–. Liburuaren pasarte batean, honela dio Nadinek Dédéeri buruz: "Berehala harrapatu ninduen haren irribarreak, haren bizipozak eta barrenetik gainezka egiten zion energia jarioak". Dozenaka lagunek arriskatu zuen bizitza laguntza emanez mugaren alde bietan. Iurre Telleria eta Enara Goikoetxearen 'Azken bidaia' dokumentaleko fotograma. Parisetik hegoaldera jarraitzen zuen Comète sarearen ibilbideak, trenez, Lapurdiraino. Hain justu, Angelun bizi zen Elvire de Greef errefuxiatu belgiarra, "Tante Go" izenez ezaguna zena erresistentzian. Honako hau esan zuen Nadinek andre hartaz: "Ez gara sekula aski mintzatuko hari buruz. Aparteko norbait zen. Buruzagi izateko jaioa hura ere. Comète sarearen Hegoaldeko lurralde osoa martxan mantendu zuen hiru urtez". Preseski, De Greef anderea eta haren senarra 1941ean sartu ziren sarean, eta seme-alabekin batera kolaboratzen jarraitu zuten erresistentziarekin, nazien okupazioa amaitu arte. Dozenaka lagunek arriskatzen zuten bizitza, ihes-lerroei laguntza emanez, mugaren alde bietan. Maritxu Anatol irundarrak, esate baterako, hegazkinlariak elikatzeko janariz hornitzen zuen Comète sarea, baita oinetakoz eta informazioz ere. Kattalin Agirre saratarra, bestalde, Donibane Lohizuneko Euskalduna hoteleko langilea zen. Erresistentziaren alde lanean aritu zen gogotik, hainbat sarerekin kolaboratuz: "Comète", "Margot", "Nana", "Mecano" eta "Perroquet". Lan arriskatu horietan, gainera, Josephine "Fifine" alabaren laguntza ere izan zuen –alabak 14 urte zituen 1942an–. Hariak, korapiloak, hutsarteak Euskal mugalari ugari aritu ziren erresistentziaren aldeko sareetan. Esate baterako, Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean (Alberdania, 2011) liburuan, Rosa Arburua egileak honela dio: "Asko dira aipatzen diren izenak: Rufino Jauregi, Ezpeletako Jean Baptiste Zugarramurdi eta bere lehengusua Jean Pierre, Bernard Elissalde, Juan Pares, Don Jose Alcoz, Jean Baptiste Laporte, Maritxu Anatol, Hernaniko Florentino Goikoetxea, Manuel Iturrioz… Azken hiru hauek, Comète sareko laguntzaileak".  Florentino Goikotxea, Kattalin Agirre, 'Dédée' (bizkarrez) eta 'Tante Go' (bizikletan), telebista britainiarrarentzat erreportaje bat grabatzen. (Argazkia: JC. Jz. de Aberasturi) Ildo horretan, Manuel Iturrioz, borrokalari baten bizipenak (Alberdania, 2011) liburuan, honako pasarte hau ageri da: "Lezok [Urreiztieta] esan zidan taldeak antolatzen ari zirela, sare bat, eremu okupatuan erortzen ziren hegazkinlariak Gibraltar aldera eramateko eta guk mendiz Espainia aldera pasatzeko ardura hartu behar genuela. Eta esan zidan: 'Zuk mugako pasabidea antolatu behar duzu'. (...) Handik pixka batera andereño batekin azaldu zen [Dédée]. (...) Erresistentzia taldeak antolatzen zituen belgikar bat zen neska hura eta esan zidaten handik aurrera bidaia guztietan lagunduko zigula sareko arduradun gisa". Juan Carlos jimenez de Aberasturi (ikerlaria): "Comète mugaz gaindiko fenomenoa zen, nazioarteko izaera zuena; alegia, mundu mailako gertakari historikoa lurralde txiki batean, eta herriko jendeak hartu zuen parte" Sareari buruzko ikerketa mardulenetako bat da Philippe Le Blanc egileak 2015ean argitaratu zuena: Comète: le réseau derrière la ligne (Comète: lerroaren atzeko sarea). Haren esanetan, Manuel Iturrioz eta Tomas Anabitarte izan ziren Comète sareak izan zituen lehenengo gidak: "Hala ere, Florentino Goikoetxea da ofizialki onartu eta ohoratu duten euskal gida bakarra". Egile batzuen arabera, 800 pertsona inguru lagundu zituen Comète sareak mugaren bestaldera. Le Blancek, bere aldetik, zalantzan jartzen du kopuru hori: "2006an eginiko ikerketa batek dioenez, 288 izan ziren". Egilearen arabera, ehundik gora pilotu lagundu zituen Florentino Goikoetxea mugalariak. Hala ere, "orain badakigu 280 iheslarietatik 170 inguru bestelako ibilbideetatik pasatu zirela, beste euskal gida batzuekin, [Comète] ihes-lerroaren gidaritzarik gabe". Hitzak, irudiak, martxak Hainbat urteko ikerketa lana egina du Juan Carlos Jiménez de Aberasturi historialariak Comète sarearen Euskal Herriko ibilbideari buruz. Txertoa argitaletxearekin plazaratu zuen 1996an Vascos en la Segunda Guerra Mundial. La red Comète en el País Vasco (Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran. Comète sarea Euskal Herrian) liburua, eta datorren abenduan aterako du liburuaren berridazketa, material berri ugari gehituta. "Niretzat, Comète ikertzen hasi nintzelarik, interes handikoa zen mugaz gaindiko fenomenoa zela, Euskal Herriko mugaren alde bietan gertatzen zena eta nazioarteko izaera zuena; alegia, mundu mailako gertakari historiko handi bat nola gertatzen zen lurralde txiki batean, eta nola hartu zuen parte herriko jendeak". 2018ko irailaren erdialdean Comète Sarearen Lagunek ibilaldia egin zuten. Irudian, sarearen laguntzari esker ihes egin zuen pilotu britainiarraren semeak bere Royal Air Force-n (RAF) plaka erakusten du. ((Argazkia: Gianluca Urdiroz) Hain zuzen ere, herritarrek mantentzen dute bizirik sarearen memoria, besteak beste, Comète Sarearen Lagunak elkarteak irailero antolatzen dituen martxa eta ekitaldien bitartez. Aurten izan da hemeretzigarren martxa, eta parte hartzaileek Lapurditik Nafarroara igaro dute muga, ihes-lerroaren ibilbide horren 75. urteurrena bete den honetan. Diario de Noticias egunkarian Mikel Urabaien kazetariak idatzi zuenez, 40 lagun inguru bildu ziren Jaurikoborda baserrian, iragan irailaren 16an. Han elkartu ziren, besteak beste, Inaxio Mihura mugalariaren eta Ian Covington pilotuaren semeak, José Ignacio eta Tom, hurrenez hurren. Parte hartzaileen artean egon da aurten ere Iurre Telleria zinegile hernaniarra, Enara Goikoetxearekin batera Azken bidaia dokumentala filmatu zuena, Comète sareari buruz. "2005ean hasi ginen ikertzen, eta 2011n estreinatu genuen, Donostiako Zinemaldian. Ondoren, San Telmo museoan erakusketa ederra antolatu zuten 2015ean, eta gure dokumentalean sartu ez zen material ugari erakutsi zuten bertan". Dibulgazio lan moduan, Azken bidaia lanak badu balio berezia; batetik, ikus-entzunezko lana delako eta, bestetik, fikzio zinematografikoaren baliabideak erabili zituztelako testigantza batzuk ilustratzeko. ibiltariak Jaurikobordan, Itsasu eta Urdazubi arteko mugan, Mihura-Maskotena sendiak iheslariei aterpe ematen zien tokian. (Argazkia: Gianluca Urdiroz) Memoria biziberritzeko aitzakia ematen du martxak, baita harremanak eta loturak sortzeko ere. Telleriaren esanetan, "lagun batzuk egin ditugu bidean, eta urtero oso gustura betetzen dugun zita da Comète martxarena". Jiménez de Aberasturik dioenez, "memoriaren betebeharra" lantzeko modua ere bada, erakundeek babestu edo ez, herritarren mesederako dena. Ondo bidean, Comète Sarearen Lagunek hogeigarren martxa egingo dute datorren urtean, Bidasoa aldean, mugaren alde bietan. Izan ere, aski adierazgarria da Arburuak Gau lana liburuan biltzen duen aipua, Berako Balkezeneko etxeko-andreak errana: "Gure ardiak harat-hunatian ibiltzen dira. Alde hontan jan eta bertzaldian ere. Beraiek zer dakite toki bati Frantzia deitzen diotela eta bertziari Espainia?" [sic]. Hala, honela amaitzen du Arburuak paragrafoa, eta kazetariak erreportajea: "Berriro fronterak 'handien' interesen baitan daudela esatera bueltatzen gara. Eta hauen interesak aldatuz gero, mugak ere bai". n
news
argia-99ee95fb53c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/chevron-ekuador-epaile-pribatuek-honela-menderatu-dute-estatua.html
Chevron-Ekuador: epaile pribatuek honela menderatu dute estatua
Pello Zubiria Kamino
2018-10-07 00:00:00
Chevron-Ekuador: epaile pribatuek honela menderatu dute estatua Chevron petrolio konpainia iparramerikarra Ekuadorreko auzitegiek 2012an kondenatu zuten Amazonian eragindako kutsaduragatik 8.100 milioi euro ordaintzera. Orain gatazka komertzialetan arbitro lanak egiten dituen auzitegi pribatu batek atzera bota du, Holandan, ebazpen hura eta zigorrik gabe utzi urte luzez milaka herritarrek nozitutako kalteak. Merkatal ganbaren pribatuak arbitro auzitegietako epaileen gainetik: honela dago antolatuta multinazionalen inpunitatea. Albistea Unión de Afectados por Texaco elkarteak zabaldu du munduan #ChevronCulpable #NoMasImpunidad agiriarekin: "2018ko irailaren 7an jakin dugu zer ebatzi duen Hagako Arbitratze Auzitegiak, sortuta dagoenak AEBek eta Ekuadorrek 1993an elkarren artean egindako inbertsioak sustatu eta babesteko Itunaren baitan, Ekuadorrek 2007an gaitzetsi zuen 2007an). Arbitratze Auzitegiaren ebazpena Chevron multinazionalaren eta Texaco bere filialararen aldekoa da eta argudiatzen du Ekuadorreko epaileek urratu egin dituztela inbertsio itun hark ezarritako betebeharrak". Oso albiste inportantea da, mundu osoan ezarriko du aurrekaria, baita Ipar-Mendebalde aberatsean ere, herritarren eta multinazionalen arteko gatazka askotan. Olivier Petitjean kazetariak Multinationales.org behatokian titulu honekin laburbildu du: " Kutsadurak: Chevron petrolio konpainiaren kontrako isun historiko bat ezabatu du nazioarteko auzitegi pribatu batek ". Isun historikoa 8.100 milioi eurokoa zen, Chevron multinazionalari 2012an ezarria Ekuadorreko auzitegi batek –eta ondoren berretsia bertako Auzitegi Gorenak– Texacok Amazonian eragindako kalteen ordainetan. Inoiz ingurumen kalteengatik konpainia bati ezarritako isunik handiena zen.   Ekuadorreko Sucumbios probintziako 30.000 biztanlek eraman zuten auzitara Texaco Petroleum –2001ean AEBetako bigarren petroliogile nagusia den Chevronek erosia– Amazoniako urre beltza ustiatzeko zulatutako 350dik gora putzuen hondakinak bazter guztietan isuri zituelako, inolako kontrolik gabe eta inguruko natura bezala jendeak larriki kutsatuz. Texacok horrela kudeatu zuen petrolio ekoizpena 1964 eta 1990 artean, kontzesio moduan Ekuadorrek baimendutako milioi bat hektareako eremu zabalean. Petrolio bilaketarako zuloetatik hasita, erauzitako lohi kutsakorrak bezala zundaketetan erabilitako lubrikatzaile eta edonolako produktuak bertan botatzen zituzten teknikariek, bilaketan egindako zuloak berak ere estali gabe abandonatuz. EJAtlas Ingurumen Justiziarako Atlasak jaso duenez, enpresak onartuta dauka 60.000 milioi litro hondakin toxiko dauzkala inguruetan botata gehi 650.000 upel petrolio gordin lekuan bertan barreiatuak. Ondorioak bertako biztanleek fite nozitu dituzte. Eskualde horretan kantzer kopuru oso handiak daude, arnasketa, odol zirkulazio eta ugalketa arazoak, ahaztu gabe petrolio industriaren isuri kimiko kutsatutakoak jan edo edateagatik jazotako pozoiketak. Toxikoen eraginez zenbait herri hutsik geratu dira: Tetetes, Sansahuari... Eta Cofanes, Sionas, Siekopai eta beste herri askotatik ere ihes egin dute herritar askok. Baserritar ugari lur emankorrik gabe laga du kutsadurak, aziendak hil zaizkie eta abereak bezala gizakiak ur kutsatua edanez bizitzera kondenatuta daude. Internetez ikus daiteke bideo hunkigarri bat – Los videos de Chevron –petrolio ustiatzaileen harrokeria eta bertako nekazari txiroen babesik eza erakusten dituena. Chevroneko teknikariek grabatutako irudiak dira eta gero langileren batek anonimoki bertako ekintzaileei irits araziak. Konpainiak teknikoak bidali zituen kutsatu gabeko lur laginak biltzera auzitegian enpresaren frogatzat aurkezteko eta bideoan ikusten denez lur garbirik topatu ezinean ibili ziren hona eta hara. Irudietan teknikariek ageri dira barrez lurzoruaren toxikotasun itzela behin eta berriro frogatzen. Zenbait lekuko ere entzuten dira beren egoerak teknikarioi xumeki azaltzen, tartean hiru alaba txiki kutsaduragatik galdu dituen laborari bat. Goliatek arbitroa ere berea du Pablo Fajardo 14 urterekin iritsi zen eskualde honetara eta larruazalean daramatza petrolioaren industriak eragindako orbainak. Familia oso txiroan jaioa, mestizoa, eskolan aurrera egin eta  unibertsitatean abokatu karrera egitea lortu zuen, egunez lana egin eta gauez ikasita. Bera aitortzen dute lidertzat Chevroni aurre egiten dioten eta herritarrek. 2004an anaia hil zioten, askoren ustez Pablori oinak geldi arazteko. "Antzeko arazoak dituzten beste askok ez bezala –esan zion Fajardok Petitjeani 2015ean– guk erabakita daukagu borroka sistema barrutik egitea, auzitegietako helegiteak erabiliz. Baina 21 urteren buruan, irudipena daukagu sistema ez dagoela egina Chevron bezalako multinazionalen biktimei justizia egiteko". Davidek igerria zion Goliati zer egosten ari zen. Ekuadorreko auzitegiek 2012an ebatzitakoa hankaz gora bota du Hagako auzitegi komertzial batek . Komeni da hitz arrandiatsuen oihanean ez galtzea. Holandako Hagan egoitza eduki arren, PCA Arbitratze Auzitegi Egonkorrak ez dauka zerikusirik Hagako Nazioarteko Auzitegiarekin eta ez beste edozein auzitegi ohikorekin ere. PCAk arbitro lanak egiten ditu estatuen eta inbertsiogileen arteko gatazketan. Hiru profesionalek osatutako epai mahaiak estatuak eta konpainiak osatzen dituzte, eta ados jartzen ez direnean, Munduko Bankuak izendatzen ditu, globalizazio neoliberala diseinatu eta antolatu duen erakunde nagusietakoak. Ekuador txikiaren eta Chevron erraldoiaren arteko arbitroen epaimahaian lehendakaria zen V. V. Veeder , Estokolmoko merkataritza ganbarako eta ICC Nazioarteko Negozio Legeetako Institutuko kidea. Bigarrena, Horacio Grigera CICA Nazioarteko Merkataritza Arbitratze Zentroko zuzendaria da. Eta hirugarrena, Vaughan Lowe ingelesa, gisa honetako hainbat nazioarteko arbitratze erakundeetako kidea. Hiru arbitrook erabaki dute, hala dio ebazpenak, Ekuadorreko auzitegiak ustelkeriak hartuta dauzkala, Chevron errugabea dela egozten zaizkion salaketetatik eta Ekuadorreko estatuak pagatu behar dituela auziaren kosteaz gain Chevronentzako aurrerantzean izendatuko duten kalte-ordaina. Gutxienekoa da multinazionalak 2012an nahiago zuela AEBetan epaitua izatea baino Ekuadorren epaitzea. Abokatu bufete on batek hori baino errore handiagoak konpon ditzake. Inportanteena da auzitegi pribatu batek arrazoia kendu diela hainbeste lanekin auzitegi publikoen nolabaiteko lortu zuten herritarrei, eta Multinationales-org -ek dioen beste hau: "Erabaki honek erreparorik gabe berresten du auzitegi nazionalen gainetik nagusitasuna daukatela enpresen zuzenbide komertzialak, korporazioen epai-mahai pribatuek agintzen dutela epaile nazionalen gainetik".     Ikasi munduan agintzen duen Lege Kode berria: Investor-state dispute settlement . Inbertsiogileen eta estatuen arteko gatazken arbitrajea. Euskal Herrian ere egokituko zaigu probatzea.
news
argia-e1c054041c64
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/kaanul-erresumaren-hedapena-zizelkatuta.html
Kaanul erresumaren hedapena zizelkatuta
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-10-07 00:00:00
Kaanul erresumaren hedapena zizelkatuta Guatemala iparraldeko La Corona aztarnategian K.o. VI. mendeko harrizko aldare ikusgarria topatu zuten iaz, eta, orain, 1,20 metroko piezak zizelkatuta zeukan informazioa jakinarazi dute. Orain arte ezezaguna zen Kaanul dinastiako agintaria irudikatzen du aldareak: Chak Took Ich'aak. Garai hartan, Kaanul eta Tikal dinastiak maien lurraldea kontrolatzeko borrokan aritu ziren, eta lautadetan Kaanul nagusitu zen. Erliebeak dioenez, askotariko estrategiak erabili zituzten eskualdea mendean hartzeko: konkista militarrak, familia nagusien arteko ezkontzak... Ahalegin horren emaitza nabarmenena 562an lortu zuten, Tikal hiria, arerioen gune nagusia hartu zutenean.
news
argia-dca67c47607d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/sonia-gonzalez.html
"Ez gara sekula guk uste dugun modukoak, ezta idazten dugunean ere"
Mikel Asurmendi
2018-10-07 00:00:00
"Ez gara sekula guk uste dugun modukoak, ezta idazten dugunean ere" Barakaldo, 1977. Euskal Filologia ikasia. LABeko komunikazio arduraduna izana, gaur egun –bere berbetan– langile xumea. Eleberria eta poesia landu ditu idazle gisa. Hamahiru urtez isilik egon ostean, Erreka haizea (Susa) saioa plazaratu du. Ez da aise sailkatzea. Errekako haizea dakarren saioa idazteaz gain, botere, isiltze eta heriotzaz idatzi du idazle berrituak, testu laburretan idatzi ere. Liburuko piezak nola, halakoak elkarrizketa honen erantzunak, ziztagarriak. "Zergatik utzia nion idazteari galdetu ohi zidaten. Inork gutxik ulertu ahal zuen ezin niola literaturari barkatu errealitateaz sendatu ez izana", idatzi duzu. Liburu honek zein neurritan sendatu zaitu?     Honek ere ez nau errealitateaz sendatu, baina hainbeste urte pasa ostean bizitzarekiko beste aldarte bat hartu dut. Bizitzaren aldi berri bat jorratzen hasten zarenean pentsatzen duzu, horrek emango dizula beste zerbait, edo aldatuko zaituela. Literatura errealitatean sartzeko lagungarria da oso, baina literatura egiteak beste inor bihurtuko zaituela pentsatzea ez da erreala. Horiek gaztetako usteak dira, zure bizitzaren gainean eraikitakoak. Gerora konturatzen zara ez dela horrela. Eginbide bat egin ostean, bizitzaren baldintzak direla medio, konturatzen zara ez dela zure barruan iraultza suertatuko, eta beste modu batez ekin behar diozula zure bizitzari. Literaturaz beste, nork bere espiritu kritikoa landu behar duela esan nahi al duzu? Norberaren bizitzan eta militantzia politikoan? Nolabait. Nire bizitzako atal inportanteak dira politika, sindikalgintza eta militantismoa. Liburuan agertzen da sentimendu hori ere, aurrera egin behar izatea, zer edo zeren bila joatea. Pertsonok horretan ahalegintzen gara, baina sekula ez da nahikoa. Etengabeko bilaketa horretan jardun arren, nahikoa ez izatearen sentimendua gurekin dago. Izan ere, ez gara sekula guk uste edo pentsatzen dugun modukoak, ezta idazten dugunean ere. "Emakumea naiz eta hautu kontzientea egin dut, emakume izaeraren inguruan hausnartzea" "Ba al naiz ni idazten ari naizen hau?", galdera, agerikoa da zure liburuan. Betiko dikotomia, ezta? Pertsonaren eta pertsonaiaren arteko bitasuna. Liburu guztietan hori dago, ez bakarrik deskribatzen duzun inguruan, pertsonaia bat asmatzen duzu eta nahitaez zu bertan zaude. Zure sentipenak, pentsamenduak, pertsonaia horren larruan edo barruan sartu zarelako. Dena den, Erreka haizea ez da nobela, ez da fikzioa ere, beste zerbait da. Gehiago agertzen da pertsona, pertsonaia baino. Literatura egiten duzunean, normalean, ez duzu zure egunerokoa idazten.    Ez da aise liburua sailkatzea genero literarioa legez. Zuk nola definituko zenuke?   Ni naizen moduko generoa da, nahasia. Kostatzen zait apur bat arreta gauza bakar batean mantentzea, ideiak alde diferentetatik etortzen zaizkit eta, liburua nire izaeraren isla da. Pentsamenduak dira, lotuta dauden gaiak edozelan ere. Gai horiek hainbat orritan jorratu barik, alde diferentetatik lotutako piezak dira. Nire nortasuna halakoxe da.    Friedrich Nietzscheren Zientzia alaia saiakeraren Argiak eta itzalak aipatzen duzu abiaburuan. Aipu horrexek ematen dio liburuari taxua, nolabait. Liburu hori idazte prozesuan berrirakurri nuen: "Zein ongi aipua liburura ekartzeko, liburua zer den aditzera emateko", pentsatu nuen. Liburu hori aipu bilduma bat da, piezak edo apunteak dira hasieratik amaitu arte. Kasualitatea izan zen, baina literaturak edo liburu batek badu horretatik asko.    "Marian de la Fuenteri, gure Marijaiari", eskainia. Hori ez da kasualitatea. Patua da. Liburua ateratzear zegoela Marian hil zen. Niretzat eta bere ingurukoentzat pertsona oso inportantea izan da. Bizitza osoan lan itzela egin duen horietako bat. Asko dira, baina beren izenak inon agertzen ez direnez, Marianen kasuan bezala, bada, badoaz pena eta gloria barik. Horrek zer pentsa eman behar digu. Emakumeak izaten dira askotan. Gero arkeologia feminista egin behar izaten dugu. Adibidez, egun emakume irakasleekin gertatzen ari da. Herrientzat edota Euskal Herriarentzat inportanteak izan diren pertsonak berreskuratzen ari gara. "Marian dela Fuente galduko den izen horietako bat ote da",  galdetu diot nire buruari. Euskal munduan oso inportantea izan zen, inurri lan eskerga egin zuen. Fredi eta Xabi Paiak Kanpomartxon gogoratu zuten bertsotan. Eskerrak haiei ere. Emakume batek idatzia da liburua. Gizonezkoarekiko kontraposizioan, esan nahi dut. Emakumea naiz eta hautu kontzientea egin dut, emakume izaeraren inguruan hausnartzea. Atentzioa ipintzea gai horretan eta punta ateratzea. Ez ezkutatzea ezer, ez egitea ezer neutrorik, zerbait desorekatua egitea, nolabait esanda. Tira, nik ahal dudan neurrian eta moduan egin dut. Isiltasunaz idatzi duzu: esan behar denaz eta esan behar ez denaz... Isiltasunaren gaiak bereziki interesa pizten dit. Gainera, arlo diferentetatik jorratu dut: emakume bezala isildu beharraz, gizonari berba utzi beharraz, ez molestatzeko. Apaltasun batean egon behar izateaz idatzi dut. Familiako isilpenaz, bestalde. Gerra zibilaren ondoriozko hainbat hamarkadetako isilpen gogorraz. Zelako eragina eduki duten horiek guztiek guregan! Izan ere, historia barik utzi gaituzte, galtzaileen historia da gurea. Gerren ostean batzuek badakite zerbait beren familiaren inguruan, baina galtzaileok ez dakigu ezer. Badakizu historia baduzula noski, bizirik zaude eta, aitaita-amama dauzkazu, gurasoak, baina fantasma moduko bat daramazu, isilpen moduko bat. Ahizpen artean bizi izan dugu hori. Izaera eraiki dugu beti aurrera begira, atzera begiratu barik. Horrek zelako arrastoak uzten dituen! Nago baduela zerikusia aurrera begiratu behar horrekin, zer edo zeren bila ibili behar horrekin, premia baten atzean ibili beharrarekin. "Errealitatea beste prisma batetik begiratzen ikasi behar dugu" Gure iragana gogoratzeko gauza al gara?   Zailtasunak daude, psikologikoak eta soziologikoak. Horretan txarrenak dira isilpen behartuak, zure inguruak berba egiten ez uztea, isilaraztea. Ezin kontatzea, baina kanpotik ezarritakoa. Badaude ere barruko isilpenak, igual nahiko zenuke, baina ezin duzu momentuz ezer esan. Baina horiei eman dakieke irtenbide bat. Isilpena debekatua edota behartua denean zailagoa da iragana gogoratzea.    Piezak pieza, amarekiko pasarte batean,  hilekoa deskubritu zenuenekoa kontatu duzu. Umorez. Gauza serioak, baina umorez heldu dituzu. Zure izaeraren isla hori ere.   Pieza horrek badu bere puntu ironiko  edo barregarria, baina badu ere irakurketa sakonagoa. Lehen hilekoa izan nuenean, amak "gauza inportantea da emakume batek bere kuleroak ongi eta eskuz garbitzea", esan zidan. Horixe izan da gure heziketa. Badago edo egon da mistizismoren bat gai horren inguruan, eta ez luke behar. Gure papera zein izan den adierazten du pieza horrek. Moja eskolara joan zinen. Masturbazioaz hitz egin zizuen moja bat izan zenuten. Begira, hura pertsona ona zen, bakarra. Sisteman beti dago salbuespena, araua baieztatzeko. Andoni pertsonaia hor dago. Bikote ohia. Nor da Andoni? Edo asmatu al duzu? Nire inguruko guztiek badakite nor den. Noski, ez dut den-dena ipini ere, bere aurpegia estandarizatu dut. Baina gure barneko zer edo zer mugiarazi behar baduzu, halaxe idatzi behar duzu. Zer esan dizu berak? Eskatu nion ez leitzeko. Ez dakit irakurri duen. Ez dut horretaz hitz egin nahi. Esan dizut lotsarik ez dudala, baina horretaz berba egiteak lotsa ematen dit. "Nire minbizia izan zaretenok bizi-mina eman didazue", diozu. Hainbat pasarte lar ikaragarriak dira, edo durduzagarriak. Bestetzuek zer pentsa eman dezakete. Agian, bizitza beste ikuspegi batetik begiratzeko piezak dira, hainbat gaitara hurbiltzeko balio dutenak. Ahalegindu naiz, gutxienez, gai horien inguruan burutazioak egiten, edo gaietara hurbiltzen. Heriotzaz edota suizidioaz idatzi dut, gai errepikakorrak dira, baina nik oso momentu latzetan idatzi dut liburua. Zauriak ez dira sendatzen minaren geografia esperimentatu barik. Arantzaren bat atera al duzu? Ahaleginetan arituz gero, arantzak ateratzen dituzu. Badira hainbat atal filosofiko, baina soziologiara hurbiltzen ere saiatu naiz. Asko interesatzen zait inguruko jendearen portaera. Horiek askotan agertzen dira, taldeko jendearen portaera batez ere, eta botere harremanak. Zelan ikusten dituzun botere-harremanak, nola pairatzen dituzun.  Horien inguruko ariketa eginez gero, konklusioak ateratzen dituzu. Idaztean zenbait ondoriotara hurbiltzen zara,  idaztea ariketa hori egitea ere bada. Sindikalgintzan, ingurukoaren boterea sentitu al duzu inoiz? Ez pentsa. Estratifikazioak ere badaude, noski. Baina liburuan batez ere, nire eguneroko bizitzaz ari naiz, familiakoaz, iraganeko eskola garaiaz, "lagunen" artekoaz, kakotx artean. Horiek lanekoak baino bortitzagoak dira askotan. Dena den, pertsona izan dut hausnarketen oinarria, ez gizona ez emakumea zehazki ere. "Garatu duzun identitatean zerbait arraroa dagoela sumatzen duzu, bertoko zara, baina inor ez da bertokoa, mundu guztia beste toki batekoa da" Euskal identitateaz ere idatzi duzu. Barakaldokoa zara eta! Zer da kanpokoa zer hemengoa izatea? Euskal identitate asko daude. Urteak pasa ahala identitateak moldatzen joan dira. Gu bai garela etorkin olde erraldoi bateko seme-alabak, gurea izan zen herri bat okupatzea. Gure kasuan, Barakaldo. Ni haurra nintzela 150.000 lagun bizi ginen bertan eta ia inor ez zen bertokoa. Garatzen duzun identitatean zerbait arraroa dagoela sumatzen duzu, bertoko zara, baina inor ez da bertokoa, mundu guztia beste toki batekoa da. Edo nahi du toki batekoa izan, sustraiak izan… Gu jaio eta bizi ginen kaleetan ezagunen bat edo beste genuen. Eta? Inguru horrek egin gaitu. Guk bizi izan genuen ingurua herri berri bat zen, inorena ez zena. Hori izan da euskal herritar bihurtzeko modua. Euskalduna izatea beste gauza bat da, noski. Nola jaso zenuen euskalduntasunaren kontzientzia? Bada, nahiko modu naturalean, gezurra ematen badu ere. Ezkerreko familiakoa bazara eta bertokoa, horrek eman behar dizu izateko modua. Noski, hor badaude maila bi: lehenik euskal herritarra bilakatzea, eta gero euskalduna izatea. Ezberdina baita. Euskal herritarra izateko modu anitz daude, baina euskalduna izateko modu bakarra. Hau da, euskaraz bizitzea. Horrek mundu bat zabaltzen  baitizu, Euskal Herrian dagoen beste mundu bat. Euskara barik ez zara euskalduntasunaren mundura heltzen ahal sekula. Hizkuntzaren bitartez baino ezin duzu kultura bat jaso, bestela folklorean geratzen zara. Barakaldon ezin bestela izan. Liburuan diren aipuak eta beste pentsalarien erreferentziak kontuan harturik, zer iritzi duzu plagioaz? Plagioa da ordenagailuko teklatuan "Ctrl + C" sakatzen baduzu, hori plagio gordina da, kopia. Irakurtzen ari zaren liburutik elikatzen bazara, ideia bat hartu eta beste ideia bat sortzen baduzu, hori ez da plagio egitea. Bestela non oinarrituko zara? Hasteko, zure bizipenetan jasotzen duzun horretatik, sortu eta birsortu egiten duzu. Literatura eta edozein lan sorkuntza hori da, ez da bakarrik sortzea, birsortzea da. Sindikatuko lankide batek esaten dit sarri: "Plagio erabateko artea da". Berak askotan egiten ditu sindikatuko kartelak. Alegia, nondik atera ideiak? Besteen ideiak hartzen dituzu, eta beste zer edo zer sortzen duzu, inola ere kopiatu gabe.   Literaturara itzuli zarela esan dezakegu? Bai. Elkarrizketaren hasieran, errealitatetik salbatzeaz aritu gara. Beharbada, errealitatea beste prisma batetik begiratzen ikasi behar dugu. Igual kontua da nork bere burua berrasmatzea. Ez dut uste, inork gehiago eskatzen ahal dionik  bere buruari. Ni nire burua inbentatzen ari naiz berriz ere.
news
argia-3cf71219a5f5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/iraultza-txikien-akanpada.html
Iraultza txikien akanpada
I�aki Barcena
2018-10-07 00:00:00
Iraultza txikien akanpada Indarberritua ateratzen zara horrelako esperientzietatik. Guztiz. Zubietan (Gipuzkoa) bildutako 400dik gora lagunek ez dugu erraz ahaztuko asteburu eguzkitsu horren trebakuntza. Lurralde Askearen lagunek prestatutako agendak maisuki bildu ditu herri mugimenduen kolore anitzak, tamaina guztiak eta nortasun politiko osagarriak. Dudarik gabe, gure buruek eta gure bihotzek lurrikaratxo zirraragarri bat sentitu dute  joan den aste-bukaeran eta emaitzak ikusiko dira. Hurrengo hiru kontzeptuen arteko harremana azalduz, bertan gertatutakoaren nire aburua eman nahi dizuet.   Pertsonak. Abiapuntua eta helmuga garela baieztatu da Zubietan. Erdigunean beti egon behar den elementua. Gatazken dinamika konplexuen gainetik eta helburu askatzaile, berdintzaile eta iraultzaileen azpitik, norbanakoak gara bizitza ona, "bizitzea merezi duen bizitza" horren protagonistak. Gu gabe ez dago komunitate ezta kolektibitaterik. Norbanakoak gara aldaketa guztien motorrak eta hartzaileak. Humanismo berria dugu iparra.        Gatazkak ez dira jomuga, tresnak baizik, gure indarrak neurtzeko eta gure mugak ezagutzeko Gatazkak. Asko dira Euskal Herrian martxan diren herri taldeen kanpainak eta gatazka sozio-politikoak. Lin Yutang idazle kristau-txinarrak esan omen zuen: "Gatazkak beti existitzen dira. Ez saiatu horiek saihesten baizik eta ulertzen". Gatazkak ez dira jomuga, tresnak baizik, gure indarrak neurtzeko eta gure mugak ezagutzeko. Feminismoak ongi erakutsi digu beldurrak eta zaurgarritasunak ezinbestekoak direla, ezin ditugula ukatu eta presente edukiz gero gure borrokak sendatuko direla. Gatazka prozesu guztietatik ikas daiteke, irabaziz zein galduz.   Utopia. Azken urteotako aldaketa berriek nahastu egiten gaituzte. Gure arerioen hegemonia nabarmena da eta ez dakigu kapitalismotik harago zer etorriko ote den. Gure praktika intersekzional eta multikoloreak, teoria "hibrido" baten beharra du, kontraesan sozio-ekonomiko materialek eta naturaren mugek, zapalketa sexual eta arrazistek zein erabakitzeko eskubide politikoak, corpus teoriko berri baten beharra dute, trantsiziorako bidean ardatzak edo itsasargiak bidean izateko. Nik horri ekofeminismo sozialista deitzen diot. Idatzi gabe, baina idaztekotan dagoen ideologia utopiko berria. Bai, utopiko diot, ez mitologikoa edo metafisikoa. Pruden Gartziak zioenez: "Utopiak begiratu, aztertu, baloratu, zatikatu, elkarrizketatu, negoziatu, konpartitu egiten dira, azken batean lortu egin baitaitezke". Igande arratsaldean helikopteroak eta Ertzaintza Zubietako gotorleku toxikoaren eraikuntza defendatzera etorri zirenean, aurreko bi egun eta erditan hitz egindakoaren zailtasun praktikoak gogora ekarri zizkigun. Boterearen irudi plastiko bortitza eta zurrunba ikaragarria bidali zizkigun gure utopiak ezabatzeko intentzioaz. Periko Solabarria  borrokalari nekaezinaren leloa etorri zitzaidan burura: "Ez badigute amesten uzten, ez diegu lo egiten lagako".
news
argia-9704f95f90e4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/udara-tronpetazalea.html
Udara tronpetazalea
Jakoba Errekondo
2018-10-07 00:00:00
Udara tronpetazalea Lasaitu ederra hartu dut egun argia baino gaua luzeagoa egin den egunean; eta poztu sei hilabete horrela izango ditugula jakinda. Uda ederra joan dela ezin uka, baina udazkenari usain hobea hartzen diot. Landareei udazkenaren iritsierarekin "klak" egiten die buruak. Ordu ilunak argiak baino gehiago dira, eta segidan etorriko da negua. Hotzak etorri aurretik haziak zaildu egingo dituzte, janda edo larru-ilean itsatsita baten batek hara-hona heda ditzan. Horretarako fruituak onduko dituzte; uzta sasoi nagusia da. Horiek udazaleak izan eta bere zikloa uda partean osatzen duten landareak dira. Beste batzuk, hotza eta egun laburrak baliatzen dituzte zikloa osatzeko. Gustuko dituztelako edo behartuta, gainean dituzten beste landareek hostajea galdu eta argia hartzeko urteko aukera bakarra dutelako. Negua profitatzen duten landare horiek orain ari dira kimu berriak irekitzen; bigarren udaberria da. Makina bat aldiz irakurri-entzungo zenidaten Euskal Herriak bi udaberri dituela. Bi udaberrien arteko udara tronpetazalea da, amorratua. Tronpeta musika tresna eskandaloso samarra iruditu izan zait beti. Herriko jaietan edo Tolosako ihauterietan txarangarekin aurrera-atzera ibiltzen ginenean bezala, orkestra handienean tronpeta nabarmen entzuten denean. Eskandaloso samarra. Ba Joseph Haydn edo Anthony Plog baino tronpetazaleagoa da udara. Agian horregatik ez naiz ni udazalea.  Udazkenari ongi-etorria egiteko egunean, sagastien paisaietan barrena ibilalditxo bat egin dugu Oihana Iguaran eta Andoni Egaña poeten bertsoaldiak entzunez. Bero zen eta zuhaitzen eta ereinotzen itzaletan, gozo eta samur aritu ziren beren musika sortzen. Inguruan, eskandalua zen nagusi: tronpeta. Tronpeta formako lore deigarriak han eta hemen. Udari agur esan ezinik, luzatu nahian, tronpeta-loreak ageri-agerian harro erakusten zituzten gau-loreak ( Mirabilis jalapa ), lurruntzak edo ezkerte zuriak ( Calystegia sepium ), oeneterak ( Oenothera biennis ), heriotzorriak ( Nerium oleander ), petuniak ( Petunia x hybrida ), Siriako arrosak ( Hibiscus syriacus ), kuia luzeak ( Cucurbita moschata ) eta ipomea gorrindolak (Ipomoea purpurea). Eskandalua izugarria zen eta tartean gehiago ere izango ziren... Orain, ordea, beste musika bat dator. Isil bitez eta ezkutatu tronpetak.
news
argia-6b7fbf6d68cf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/pentsioak-blindatu.html
Pentsioak blindatu
Juan Mari Arregi
2018-10-07 00:00:00
Pentsioak blindatu Toledoko Itunak adostu du berriz ere pentsioen igoera lotzea KPIarekin, erosteko ahalmena mantentzeko. Egunotako albiste ekonomiko nagusia izan da. Baina akordio lotesle hori ez da behin betikoa. Ez dago garbi, ezta ere, zer esan nahi den "KPI erreala" aipatzean. Espainiako Gobernuak dauka azken hitza. Hasteko, Espainiako presidenteak New Yorken esan du Toledoko Itunean adostutakoa bere egingo duela. Bistakoa da pentsiodunen mobilizazioak, eta bereziki euskal pentsiodunenak, erabakigarriak izan direla talde politiko guztiek akordioa onartzeko. Albistea pozgarria den arren, akordio hori oraindik ez da nahikoa kalean dauden aldarrikapenak eta oihuak kontuan baldin baditugu, astelehen honetan Bilbon are ozenagoak gainera. Akordio hori nahikoa eta duina izan dadin, euskal pentsiodunek uste dute beste hiru gauza onartu beharko liratekeela. Lehenik, pentsioak blindatzea eta ez uztea aldian aldiko gobernuaren nahien eta ateraldien menpe, PPren gobernuarenak jasan ditugun bezala. Bigarrenik, KPI erreal hori zehaztea, urtero, aditu independenteen batzorde batean. Eta azkenik, pentsiodun guztientzat gutxieneko pentsio duina bermatzea; Euskal Herriaren kasuan 1.080 euro lirateke hilean, hainbat plataformak aztertu dutenez. Nola blindatu pentsioak? Garbi dago, ulertu nahi duenarentzat. Gardenena da Espainiako Estatuko Konstituzioak barneratzea blindatze hori bere funtsezko artikulatuan eta erkidego bakoitzak –EAEk eta Nafarroak ere– bere araudian txertatzea ondoren. Betiko gobernuen esku utziz gero, alderdi popularrak azken urteetan egin duen gauza bera egiten uztea litzateke: krisi ekonomikoaren aitzakian pentsioak praktikan izoztea.
news
argia-a4c4e8b533c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/zeinen-zaila-den-oreka.html
Zeinen zaila den oreka
Itziar Bardaji Goikoetxea
2018-10-07 00:00:00
Zeinen zaila den oreka Pili beti presaka dabil, erloju txiki bat du, tik tak tik tak, belarrien atzera etengabe itzultzen den euliaren modura ari da eta eskuez uxatzen ditu. Beti dago lanpetuta, zerbait erabilgarria egiten. Pilik ez du denbora galtzen. Jakin badaki bestelakoak galtzen dituela, ezertarako balio ez omen duten plazerak, musika entzun edo artearekin liluratu edo aspertzearen magia dastatu. Baina ezin du ekidin, beti betetzen zaio eguna. Milik, ahal duen guztietan, berandu altxatu eta patxadaz gosaltzen du. Kostatzen zaio martxan jartzea, eta askotan lagunei deitzen die azken momentuan mendira ez doala eta ondo pasa dezatela esateko. Nagia ematen dio, edo buruko min apur bat du. Ez dauka pasio handiko hobbyrik. Egurgintza ikastaroa, euskaltegia, gimnasioa... hasi eta gutxira utzi ohi ditu. Etxean lagunekin eskulantxoak egitea gustatzen zaio. Batzuetan iruditzen zaio hilabeteak eman dituela ezer gutxi esanguratsurik egin gabe. Baina ezin du ekidin, beti pasatzen zaio eguna. Udazkenarekin iristen zaigu ikasturte berria, eta harekin batera, berriz ere, asmo onak. Pilik bizitza lasaiago hartu nahi du, gutxiago estresatu. Milik zin egin dio bere buruari aktiboagoa izango dela. Agian, abendurako betiko moduan ibiliko dira berriz, Pili arnasestuka eta Mili sofak janda. Edo, agian, aurten ez.
news
argia-1800a0ca5127
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/ramen-atzoko-beharra-gaurko-moda.html
Ramen: atzoko beharra, gaurko moda
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-10-07 00:00:00
Ramen: atzoko beharra, gaurko moda Tokio, 1945eko urria. Japonia errenditu eta Bigarren Mundu Gerra ofizialki amaitu eta hilabetera, hiriburuan merkatu beltzeko 45.000 postu inguru zeuden. Horietako askok janaria saltzen zuten, nagusiki "ramen" izeneko zopa edo eltzekoa. Jun Ishikawa (1899-1987) idazle modernistak horrela deskribatu zuen janari postu haietako jarduna 1946ko Yakeato no Iesu (Jesus errautsetan) lanean: "Janaria saltzeko negozioa hain ondo daramate, plateren soinu hutsarekin yen billete merkeenak edozeinen patrika akituetatik hegan ihes egiten dutela. Tranpa baten edo malgukidun gailu baten modukoa da; plateren hotsen oihartzuna bezero guztien sabel hutsetara iristen da eta jateko gogoa eragiten die". Baina egun haietan tokiotarrek ez zuten asko behar gosea pizteko. Gerraosteko urritasuna zen erreklamorik onena. Gainera, 1945ekoa azken 42 urteko arroz uztarik txarrena izan zen Japonian. Herrialdea 1952. urtera bitartean okupatuko zuten estatubatuarrek garia inportatzeari ekingo zioten. 1948tik 1951ra Japoniako urteko ogi kontsumoa 262.121 tonatik 611.784 tonara iritsi zen. Baina okupatzaileen neurriak ez ziren nahikoak herritarren sabelak betetzeko, eta gariak legez kanpoko bidea ere egin zuen haienganaino, merkatu beltzeko ramenaren bidez. Plater hura Txinatik sartu zen uhartean XIX. mendearen amaieran, txinatar etorkinen eskutik. Jatorriz, gariz egindako fideoei txerrikia eransten zieten. Egun ramen sorta zabala daukagu eskura, orotariko osagaiez egina, baina merkatu beltzeko ramen hura askoz sinpleagoa zen: fideoak, soia salda, txerrikia, oilaskoa eta niboshi (sardina lehorrak). Dena nahastuta eta dena berdin zerbitzatzen zuten. Ez zegoen tokirik bezeroen gutiziarako. Hori bai, zapore biziko eta gantz askoko jakiak primeran erantzuten zion herritarren behar gorriari. Ramen postuak legez kanpokoak ziren, jakina, eta nagusiki yakuzek edo japoniar mafiek kontrolatzen zituzten. Baina 1950etik aurrera, urritasuna pixkanaka gainditzen joan ahala, legeak ere arindu zituzten. Horrek, aurrez legez kanpokoa zen jardueraren gainbehera ekarri ohi du maiz. Baina japoniarrek ez zioten beharrak sortutako plater hari uko egin. Ramen saltzaileak ugaritu ziren eskaerari erantzuteko, eskaintza zabaldu zen eta, hala, egun, Japoniako jaki nagusietakoa da. Duela bizpahiru urtetik hona, gurean ere modako plater bihurtu da ramena. Japoniarrentzat bizirik irauteko ezinbestekoa zena, instagrameko argazkia da orain.
news
argia-47a5f01a7471
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/gazte-memoriari-heltzea.html
Jarraitik Ernai eta Aitzinara 40 urte
Xalba Ramirez
2018-10-07 00:00:00
Jarraitik Ernai eta Aitzinara 40 urte Ameriketako ipar-mendebaldeko jatorrizko herrien arteko zeremonia bat kontatu zuen Eduardo Galeanok. Erretreta hartzera doan eltzegileak, bere maisu lana ematen dio ofizioa ikasten ari den gazteari. Eta eltzegile gazteak ez du ontzi perfektu hori begiratzeko eta miresteko gordetzen; aitzitik, lurraren kontra lehertzen du, mila puskatxotan hautsi, puskatxoak jaso eta bat egiten ditu bere buztinarekin. Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik 40 urte betetzera doazela aitzakia hartuta, Ernaik Bulkada berrien garaia da dinamika abiatu du joan den irailaren 16ean Leitzan batuz Jarrai, Gazteriak, Haika, Segi eta Ernaiko 1.000 kide eta kide ohi. Galeanoren metafora ibili dute Gazte memoriaren eltzea deituko den liburu-artefaktoa sortzeko ere. Gazteriari dagokion gisa, liburua tresna bihurtzeko sortu da, eta azaroan aurkeztearekin batera, herriz herri arituko dira lantzen. Gainera, auzo eta herri bakoitzerako izen bereko liburu zuri bat banatu dute "herri bakoitzak bere memoria idatzi dezan", Aitor Orobio bozeramailearen hitzetan. Honela diote liburuan: "Memoria ezin da dekretu bidez ezarri. Memoria egin egiten da, eta egite edo eraikitze hori ardura partekatua izango da. Ispilu baten aurrean jartzen ditu norbanakoa berdin kolektiboa". Belaunaldi ezberdinen lekukotasunak jasotzeko garaian garaiko dokumentu, barne zein kanpo aldizkariez, afixez, zein pegatinez gain, hainbat talde elkarrizketa antolatu dituzte, garaiko kideekin. "Liburuaren protagonista izateko, ez da soilik idatzi dutenak, izan ere norbanakoen bizipenek osatzen dute gazte antolakundearen historia". Irati Sienra aritu da liburua osatzeko lantaldean, eta beste arrazoi bat gehitu du: "Ilegalizazio garaiko dokumentu eta eztabaida gehienak berreskuratu ezinak dira. Historiaren zati hori berreskuratzeko beharrezkoa zen protagonistekin batzea". Memoria ariketa hau egitea beharrezkoa izan da, etengabe moztu delako belaunaldi berriekiko transmisioa. Orobiok argi du: "Egindakoaz ikasi nahi dugu eta egin dena eguneratu". Horregatik elkarrizketa guztietan egungo gaiak eta eztabaidak ukitzen saiatu dira; bereziki militantzia ereduak eta feminismoa eta emakumeen parte hartzea antolakunde mistoetan. Sienrak egindako elkarrizketetatik azpimarratzen du denentzat izan dela gazte antolakundea bizitza eta nortasuna eraikitzerako orduan ezinbesteko zutabe bat: "Inoiz ez naiz berriz ere horrelako zerbaiten parte sentitu", "inoiz ez dut berriro horrenbeste gogorekin eztabaidatu"... Gazte antolakundeak Euskal Herriko historia liburuetan agertzen ez den zati garrantzitsu bat izan dira. 4.000 kide izatera heldu da Haika sortzeko Amaiur prozesuan kasu, eta egun 1.000 kide inguru dituzte Ernai eta Aitzinak, sindikatuen ostean, antolakunde politiko handienetako bat Euskal Herrian. Eltzekadaz eltzekada egin da heldu gazte antolakundea. Urteetako esperientzia eta jakintza ez dute museo batean gorde nahi, aurrera begira jarriko dute. Orobiok Leitzan esandako hitzetan: "Etorkizunaren nostalgikoak gara".   Irati Sienra liburua idazteko lantaldeko kidea da. (Dani Blanco) Irati Sienra Zengotitabengoa (Bilbo, 1990) gazte antolakunde ezberdinetan urte luzez militatzen aritu ostean, Ipar-Hegoa Fundazioan ari da egun lanean. Azaroan kaleratuko duten "Gazte memoriaren eltzea" liburua egiteko lantaldean aritu da azken hilabeteotan. Azken zirriborroa eskuetan, gazte antolakundeen ibilbideari begiratu diogu. Iraun nahi badu, ezein subjektu politikok bere balioak eta jokabideak transmititu behar dizkie belaunaldi berriei. Zein da gazte antolakundeak 40 urteko ibilbidean utzi dituen balio eta kultura garrantzitsuenak? Balio nagusia beste eredu baten aldeko borrokaren aldeko konpromisoa izan da, Ezker Abertzalean. Gazte antolakundea izan da Ezker Abertzalearen proiektu politikoarekiko lotura bermatu duena belaunaldiz belaunaldi. Gazte antolakundeak militante konprometituak hezi ditu, baina ez soilik gazte garairako, baizik eta eragile ezberdinetan bizitza osoan militatuko duten pertsonak. Beste balio batzuei dagokionez, gazte militantziak ere ekarri du langileak izatea, gauza ezberdinetan aritzeko gaitasuna garatzea, beldurrak gainditzea –honek emakumeen kasuan pisu berezia zuen–, kurrikulum ezkutu bat eskaini die kide gehienei. Inposatutako balioen aurrean, kolektiboan lan egitea, elkartasuna, besteen beharrizanekiko kezka, dinamizatzen ikastea, betaurrekoak aldatzeko aukerak... Jarraik 1994ko Maiatzaren Lehenera deituz eginiko kartela. Gazte problematikak gazte antolakundean izan duen pisuaz ere hitz egin daiteke. Jarrai hasieran gatazka politikoan parte hartzeko modua baino ez zen. Baina gai hau zentralitatea hartzen joan zen V eta VI. biltzarretan jorratutako bizi baldintzen eztabaidarekin. Haikan gazte mugimenduaren zerbitzura jartzeko plan oso bat garatu zen, baina moztu egin zen errepresioarengatik, Segin izan zen bezala. Eltzekadatan banatu duzue liburua. Lehen eltzekada Jarrairi buruzkoa da. Jarrairen soldaduskaren jarrera eta intsumisioaren borroka izan dira historiara gehien pasa diren pasarteak. "A la mili con los milis" izan zen lelo bat, bai, baina soldaduskara ez zuten ezta Jarraikoek ere joan nahi. Hasierako eztabaidak hartu ditugu eta argi eta garbi ateratzen da leku guztietan Jarrai soldaduskaren kontra zegoela. Momentu batean diskurtsoa aldatu egin zen, KAS Alternatibarekin talka egiten zuelako. Ordea ez da ulertu behar gazte eta helduen arteko talka bezala, Jarrai mugimendu osoago baten parte zela eta horren hobe beharrez egiten ari zirela uste zuten. Erdibideko bidea hartu zuten orduan "soldaduska honi ez" adieraziz, eta nahiko indar jarri zen. Gazteriaren gehiengoa oso kontra zegoenez, ez zen oso ondo ulertzen eta ez zen bat egiten. Intsumisioaren aldeko borroka agertu zenean, soldaduskaren kontrako diskurtso berri bat hasi zen: ez zen pazifismoan oinarritzen, eskubideetan baizik. 1990eko hamarkadaren hasieran Jarraik eztabaida luzeen ostean bere egiten ditu aldarrikapen hauek eta bere diskurtso propioa sortzen du: Borroka armatua herri baten autodeterminazio eskubiderako tresna zilegi zela baina horrek ez zuela esan nahi armada erregular eta profesional baten beharra zegoenik, hori inposaketarako tresna baitzen. "A la mili con los milis" izan zen lelo bat, bai, baina soldaduskara ez zuten ezta Jarraikoek ere joan nahi. MOC eta Kakitzatek traba piloa jarri zituztela kontatzen du liburuan Maitane Intxaurragak, Jarraik protagonismoa kenduko zielakoan. Baina egia da salto kualitatibo bat eman zuela borrokak, borroka hori bera eraldatuz. Hartu zuen indarraren erakusle, adibidez, Europan barrena intsumiso martxa egin zuten. Militantzia eredua saiatu zarete erdigunean jartzen. Jarraitik adibidez, antolakundearen irudi gogorra gailendu da, koadro ikuspegia. Zer du egiatik eta zer mitotik? Nola joan da aldatzen? Egungo eztabaida garrantzitsua delako saiatu gara liburuan asko hitz egiten militantzia ereduen gainean: nola ulertu den 24 orduko militantzia, adibidez. Jarraiko parte hartzaile askok iraganean egindako berrikuspenekin ezeroso sentitzen dira, iruditzen zaielako elementu batzuk soilik kontuan hartuta oso zorrozki epaitua izan dela. Egia dela Jarrain konpromisoaren ulerkera oso zurruna zela –estrategia ere halakoa zelako–. Baina baita ere antolakundeak inposatutako zerbait bezala ikusi izan da, eta militante guztiek esaten zuten eurak zirela euren buruei ardura hori jartzen ziotenak. Oso azaletik kritikatu izan da, eta beraiek harrotasunetik aldarrikatzen dute. Jarraik intsumiso izateagatik espetxeratu zuten Txomin Unzuagaren alde eginiko kartela. V. Kongresuan gertatu zen gazte antolakundearen kultura politikoaren aldaketa nagusia: "Gazte mugimendua dagoen lekuan dinamizatu, eta ez dagoenean sortu". Ikuspegi historikotik nabarmena da aldaketa eta Ezker Abertzalean jokatu zuten aitzindaritza papera. Garaiko denek aipatzen dute harrotasunez. Izan ere, Jarrairen IV. Kongresua drama bat izan zen, erabat gainbeheran baitzegoen, eta izan ziren Ezker Abertzalean HB Gazteak sortu behar zela ziotenak ere –oraindik amorruz gogoratzen dute–. Gazte problematika erdigunean jarriz, beste Jarrai baten sorrera planteatzen zen, beste jardun bat eta beste borroka ildoak. Kongresuaren egunean bertan jakin zuten lortu zutela anitzagoa zen antolakunde bat, koadrila bakoitzaren ezberdintasunak ikusita. ETBk etengabe kilimak bilatzen zizkien Jarraiko kideei, eta hauek eskaintzen zitzaien mikrofono hori aprobetxatzen zuten. Ezker Abertzalea goibel zegoen garai batean, Jarraik ikusgarritasun handia lortu zuen. Nazio Eraikuntza estrategia erdigunean jarri zuen, bi urte beranduago Ezker Abertzale osoak egin bezala Txinaurri prozesuan. Hala ere, ez da kontsideratzen Jarrai izan zenik horren aitzindaria...   Hainbat mugimenduren kartel eta pegatinak. Haikaren sorrerak Euskal Herriko lehen erakunde politiko zibil nazionala ekarri zuen. Baina talka ugari izan ziren bidean. Nolakoa izan zen prozesua? Haikaren sorrera hausnarketa oso logiko bezala ikusi izan da, baina errealitatea polita baina gatazkatsua izan zen –maitasun istorio gisa gogoratzen dute–. Gazteriak eta Jarrai 1995 urtetik aurrera hainbat ekimen batera antolatzen hasi ziren. Baina oso kultura militante ezberdinetik zetozen: Jarrai zen "presak eta ekimen handi ikusgarriak". Eta Iparraldean giharra erakusteko gaitasun faltagatik edo, prozesuari askoz ere garrantzi handiagoa ematen zioten. Gazte Abialdiaren aurretik, sarekada zurrumurru bat zabaldu zen eta Jarrairen zuzendaritzak muga pasa zuen hilabete batzuez bertan bizitzeko. Hor hasi ziren benetan ulertzen errealitateak ezberdinak zirela, eta balioan jartzen Iparraldeko lan eredua. Hegoaldeko onena eta Iparraldeko onena batuko zituen antolakunde berri bat sortzeko prozesua izan zen Haikarena. Militantzia berri bat zuen helburu: ez bakarrik naziotasuna. Hegoaldean bereziki zuzendaritzan nabaritu zen prozesua, baina Ipar Euskal Herrian militantzia gutxiago izatean, egiturak txikiagoak izatean, modu irekiago batean bizi zen eta denek jaso zuten. Haika sortu zenean izandako sarekadak ordea, ikasitakoa moztu zuen, eta zaila izan zen garapena ematea. Prozesua ederra izan zela gogoratzen dute baina oso pertsonala. Jarrairen 1990ko kartel bat. Segiren bizitza kartzelarena, torturarena eta ilegalizazioarena da. Erakunde zibil klandestino batean bizitzearen hainbat anekdota biltzen dituzue. Lehen aldiz irakurri ahal izan ditut nik horrelakoak. Ilegalizazioan Segik izan du bere bilakaera, teorizazioan eta praktikan. Nola bizi izan dute hau garaiko kideek? Hasieran ez genion errepresioari erdigunea eman nahi, baina azkenean erakundearen bizitza izan da, pertsonen egunerokoa zeharkatu du eta ondorio nabarmenak izan ditu. Ahotsa.info-k edo Topatuk izugarrizko lana egin dute torturak edo kartzela esperientziak biltzen. Horiek jasotzeaz gain klandestinitatea landu nahi izan dugu: nola joan garen segurtasunaren ideiatik hainbat portaera gure egunerokotasunean normalizatzen eta geroz eta ilunagoak bihurtzen. Adibidez, inori ezer ez kontatzea –"Mobida bat egin behar dut"–, inoiz ez azaldu zer edo norekin egon zaren, teknologiak bizitzatik kanpo uzteaz, militantziaz ezer ez kontatzea -kontatu zitekeena eta ez-, eta beraz, oso opakoa bihurtu zen dena. Antolatu genuen saioan parte hartu zuten kideek ez zuten inoiz gaiaz hitz egin eta badago behar hori. Belaunaldi oso baten errealitatea baita. Errepresioa jasan ez duten kideena ere bai. Torturatu ez duten kidearengan torturak duen eraginaz ez da hitz egiten, baina badauka. Ondorio hauek noizbait landu eta erreparatu beharko dira. Ez bada hitz egiten ez da sendatzen. Esan bezala nahi genuen errepresioaz baino gehiago hitz egin, oso antolakunde garrantzitsua izan delako Segi. Egoerarik zailenean ere ez du amore eman eta beti saiatu da gazte mugimendua berpizten. Azkeneko momentura arte "beste tresna bat behar dugu honek ez baitu balio" esaten duen arte, inoiz ere ez dio sortzeari uzten. Sarrionandia aipatzen duzue, ikuspegi kritikoa mantentzeko distantzia hartzeko beharraz. Ba al dago nahikoa bosgarren eltzekada honetaz hitz egiteko? Zeintzuk izan daitezke, gure historia ez ofizialera igaroko diren pasarteak? Ernaiz hitz egiteko goizegi da. Zintzotasunez hitz egiteko eta eman dituen emaitzak baloratzeko. Segiren azken urteetan estrategia aldaketan duen paperaz bezala. Garai hauetan, teknologia berrien ondorioz edo, gauza asko ari dira gertatzen, batzuk mamizkoak eta batzuk ez, denbora eta distantzia behar da ikusteko. "Askeguneek pisu handia hartu dute, gu bereziki markatu gaituztelako, baina goizegi da esateko benetako bide bat izan duten Euskal Herriko, eta are, antolakundearen bizitzan" Edonola ere niretzat Ernai da, gazte antolakunde guztien sintesi bat. Saiatu da behintzat batzen, eztabaida eta praktika mota guztiak. Baina esan bezala ezin da baloratu. Adibidez Askeguneek pisu handia hartu dute, gu bereziki markatu gaituztelako, baina goizegi da esateko benetako bide bat izan duten Euskal Herriko, eta are, antolakundearen bizitzan. Ernai izan da feminismoari garrantzi handiena eman dion gazte antolakundea. Nola bizi izan da aldaketa hau, aurreko eltzekadekin alderatuta? Argi dago Ernain feminismoarekin jauzia erraldoia eman dela, aurrekoekin alderatuta. Jarraiko lehen emakumeek kontatzen dute ez zirela feministak kontsideratzen, emakumeen arloan lan egin arren. Egizanen disolbatzean Jarraiko emakumeak inplikatzen hasiko dira eta hor aldaketa nabarmenak gertatuko dira. Ezker Abertzaleak martxan jarritako prozesu feministan Segik konpromiso handia hartzen du, tamalez, errepresioak berriz ere mozten du. Segiri dagokionean aitortzen ez den lan bat dago, berak sortzen baititu baldintzak.
news
argia-192ba7c4b709
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/gaizki-erranka.html
Musika
Santi Leon�
2018-10-07 00:00:00
Musika Ez naiz dantzari ona. Ez dakit erritmoaren arabera mugitzen. Horregatik, pozten naiz kazetaria ez naizelako. Espainian franko ugari den kazetari espezie batek ederki jakin behar duelako musikak zer eskatzen duen interpretatzen. 2016an, adibidez, Felipe González Espainiako presidente ohiak Ser irratian deitoratu zituen PSOEren emaitzak: "Euskal Herrian ez ginen sekulan hain gaizki ibili, egin genituen gauzak eginda ere, ta-pa-pa". Zer gauza egin zenituzten, bada?, galdeginen ziokeen kazetari normal batek, baina isildu egin zen –zer egin zuten bazekielako, edo gizon boteretsuei ez zaielako horrelako galderarik egin behar–. Lapsusa deitu zioten egunkari gehienek. Gonzálezen adierazpenari, ez kazetariaren isiluneari. Egun hauetako melodia, berriz, eskandaluarena da: espantuak egin behar dira 2006an orduan fiskal eta gaur egun ministro den Dolores Delgadok estatuko estoldetan zebilen komisario batekin bazkaldu zuelako. Hara! Estatuan estoldak badira! Eta PSOEk bazuen horren berri! Nork pentsatuko zuen! Gainera, zer eta maritxua deitu zion orduan epaile eta gaur ministro den Grande-Marlaskari. Kritikarik merezi ez duen horren kontura kritikatuaren kritikatuz saindu bihurtuko dute. Valtònyc rapero erbesteratuak kritika egokiagoa egin zion epaile-ministroari, Bruselan emandako elkarrizketa batean: "Faxista da". Oraingoan kazetaria, Cristina Pardo iruindarra, ez zen isildu: eta zergatik diozu faxista dela?, egin zion galdera –Iruñekoa izanik ere, torturaren berri ez zuelako, edo zilegi delako ihes egin behar izan duen jende botererik gabea elkarrizketetan pixka bat estutzea–. Noiz isildu, noiz harrituarena egin, noiz zorrotza izan. Belarri ona behar dute zenbait kazetarik unean uneko musika egoki interpretatzeko. Baina aldez aurretik partitura emanen diete, ezta?
news
argia-959f7feb1f46
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/maite-dugu-itxarotea.html
Maite dugu itxarotea
Irati Elorrieta
2018-10-07 00:00:00
Maite dugu itxarotea 2018ko uda bero honetan, aireportuetako kaosaren lekukoak: etxetik irten (Londresen) eta, 26 ordu geroago, Bartzelonako lost and found -eko ilaran lan-ordu pare bat gehiago galtzen ari den emakumea. Amsterdametik Stuttgartera heltzeko, nahi gabe, bi gau hotelean pasa dituzten aita-semeak, hauek ere eskuko maletarik gabe. Bilbon beharrean, Gasteizen goizeko hiruetan lur hartu ondoren autobusean sartu dituztenak. Lau hegalditarako bi mostradore daude zabalik, eta (auskalo noiz hasi duten bidaia) bost urteko ume batek siesta egiteko aprobetxatu du: 45 minutu amaren besoetan. Bost orduko atzerapenarekin aireportura heldu eta konexioa egiten duen hegazkina hartzen saiatzeko zein atera joan behar duen ez dakiena (berari aparte, beste inori ez baitio ardura). Langileek badituzte ardurak; ez ordea erantzukizunik. Bidaiari gehienek ez dute hitz egingo ezer konpondu dezakeen inorekin. Telefonoak ez dira erantzuten, eta emailak bidaltzeko orduan error jartzen du pantailan. Emailak heltzen badira, hitz adeitsuz hornituak egongo dira, eta bidaiariaren haserreak babes-material irazgaitz horren kontra egiten du talka. Langileak euri zaparrada baten azpian gabardina high-tech batzuk jantzita dituen flota bat bezala irudika daitezke. Zenbat denbora iraun dezake pertsona batek etengabeko eraso horren azpian? Bai, errukia sentitzen dut. Batez ere leihatiletan aurpegia eman behar dutenekin. Bidaiari batek edo bestek manerak galtzen ditu horien aurrean. Hori ere ulertzen dut. "Ez dut sekula berriz Vuelingekin bidaiatuko!". (Edo, kasuan-kasuan, Eurowingsekin). Semearen esaldiaren oihartzuna entzuten dut, lagunari esaten: "Ez dut sekula gehiago zurekin jolastuko!".  Zein da alternatiba? Europako zeruan markak hautsi dituzte hegaldi kopuruek. Pronostikoen arabera, aireko trafikoa areagotu egingo da. Atzerapenak ere bai. Azken urteetako gorakada prezioen beherakadaren eskutik joan da. Hegaz egin ahal izatera ohitu gara. Erasmus-biografien edota finantza krisiaren ondorio diren familiak, negozioengatik bidaiatzen duten langileak, oporretan doazenak. Asko gara. Badakigu aireko garraioaren demokratizazioak ondorio beltzak dituela. Denok dakigu eta (ia) denok ez ikusiarena egiten dugu. "Zer aldatuko litzateke nik hegazkina hartuko ez banu?". Disonantzia kognitiboak gutxitzeko eskura dugun teknologia guztia jartzen dugu martxan. Kontzientzia txarrez egiten ditugun beste mila kontuekin bezala. Oso uste sendoak behar dira jokoan ez erortzeko. Bada, uda honetako kaosaren harira, hara non irakurri diodan mugikortasun-ikertzaile bati: jendea horretara mugitzeko modua behartzea dela. Gutxieneko eskakizuna da prezioek gora egin behar dutela, nahitaez. Kostu ekologikoa ordaindu egin behar dela, eta ez, egiten den bezala, saritu. Aditu horrek Alemaniako hirien artean hegaz egitea debekatzea proposatzen zuen emergentziazko neurri gisa. Ez dela asko, baina nonbaitetik hasi behar dela. Trena benetako aukera bihurtuz, hurrengo pauso batean, Europako hiri nagusiak ere lotu arte. "Hori da nik behar dudana: debekuak eta alternatibak",  pentsatu dut. Erradikala? Zergatik iruditzen zaigu konponbide erradikalak ez direla aukera bat? Atzerapenak kontuan hartuta, Berlin-Bilbo Vuelingen denboran egingo nuke, maleta eskuan helduko nintzateke, emisiorik produzitu gabe, eta kontzientzia lasai. Bakarrik ezin dut hori guztia lortu. "Eta erabakitzeko askatasuna galdu!?". Uste dut baietz. Arau gehiago (edo beste batzuk) nahi ditut presio (moral) guztia nire gain ez izateko. Seguruenez, Vuelingeko langileek ere bai.
news
argia-7ae0e4ab99a8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/arabako-nekazaritza-eredu-ekologikorantz-mugitzen.html
Arabako nekazaritza eredu ekologikorantz mugitzen
Garazi Zabaleta
2018-10-07 00:00:00
Arabako nekazaritza eredu ekologikorantz mugitzen 1993an sortu zuen Bionekazaritza elkartea Arabako ekoizle talde txiki batek. Lurrarekin errespetuzko harremanak bultzatzea eta garai hartan oraindik hain zabaldurik ez zegoen eredu ekologikoa sustatzea zuten helburu hasiera hartan. "Orain baino askoz mugimendu txikiagoa zen, eta bultzatu eta laguntzeko sortu zuten taldea kide horiek", azaldu du Koldo Rey Abasolo elkarteko egungo koordinatzaileak. Nekazariei aholkularitza eta babesa Ekoizpen ezberdinetan diharduten ekoizleez gain, kontsumitzaileak ere badira elkarteko bazkide gaur egun, eta erakunde eta talde askorekin ere kolaboratzen dute. Azken urteetan aholkularitza eta dinamizaio teknikoa dira euren jardunaren atalik garrantzitsuenak. "Teknikaria daukagu elkartean, jada ekoizpenean dauden pertsonak laguntzeko edo hasi nahi duten ekoizle berriei aholkularitza egiteko". Nekazaritza ekologikoan jardun nahi duten horiei lanak erraztea da helburua. "Askotan gertatzen da nekazaritzan teknikariak joatea eta esatea 'hau horrela eta horrela egin behar duzue'. Aholkuak eman beharrean dena haiek esaten dute askotan, modu bertikalean". Eredu bertikal horren ordez aholkularitza eta laguntza modu horizontalean egitea dute asmo Bionekazaritzan. Horren adibide da, esaterako, urritik abendura bitartean antolatu duten Agroekologia ikastaroa. Jada proiektuak martxan dituzten eredu ekologikoko ekoizleak izanen dira kurtsoko gidariak. "Beraien jakituria zabaltzeaz gain, beraien lana ere balorean jartzen da horrela", dio Reyk. Bionekaraba azoka Bionekazaritza elkarteak bere azoka egiten du urtero: Bionekaraba. Urriaren 6an izanen da aurtengo edizioa, Gasteizko Foru Plazan. "50 postu inguru jartzen dira, denak ekologikoan lan egiten duten ekoizleak. Musika, herri kirolak, umeentzako ekimenak, jatekoa eta edatekoa… denetik egoten da". Arabakoez gain, Euskal Herri osoan eredu agroekologikoan diharduten ekoizleak hurbiltzen dira Gasteizera. "Arabako herrietan bizitzeko aukera handiegirik ez dago gaur egun, eta geroz eta nekazari gutxiago daude". Nekazaritza eredu industrialak arazo horiek konpondu baino okertu egin dituela iritzita, eredu agroekologikoan ikusten du etorkizuna Bionekazaritza elkarteak, eta bide horretan ari da lanean: "Nekazaritza ekologikoaren oinarri teknikoaz gain, arlo soziala ere landu behar da: tokikoa, tamaina ez oso handikoa eta bestelako ekoizpen era batekoa bultzatzen dugu".
news
argia-433e4d4fb9f0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/katti-pochelu-zine-geletan-eragin-nahian.html
"Badakigu euskal zinemak publikoa duela Ipar Euskal Herrian"
Jenofa Berhokoirigoin
2018-10-07 00:00:00
"Badakigu euskal zinemak publikoa duela Ipar Euskal Herrian" Gastibeltza Filmak, euskal zinema ekoizteko eta banatzeko helburuarekin sorturiko enpresa berriaren langilea dugu Katti Pochelu hazpandarra. Maiatzean aurkeztu zuten egitura berria eta buru-belarri dabiltza orduz geroztik, Senperen kokaturiko bulegoan: "Behintzat alde horretatik ez gara pobre, lana badugu", dio irriz. Euskal zinemagintzaz aritu gara hazpandarrarekin, gaur egungo egoeraz zein biharko nahi lukeen errealitate kulturalaz. Zinegin festibalaren antolaketan zabiltza aspaldian. Ikusle gisa hurbildu nintzen hastapen batean. Berehala gustuko ukan nuen, zinemagintzarako ekitaldi polita zitzaidan eta Ipar Euskal Herrian euskal zinema ikusteko paradarik ez genuenez inportantea zitzaidan hori aitzina eramatea. Ikusten nituen euskal filmak, baina ez nahi bezain beste eta aldi oro Donostiara, Irunera ala beste zinema batera joan behar izaten nuen. Horregatik sartu nintzen antolaketan dabilen Eihartzea elkartean. Gainera, Hazparnen iraganik eta hazpandarra izanki, kontent nintzen, hurbila nuelako. Zerk egiten du zuretzat film bat film on? Hunkitzen nauten filmak ditut maite, baina arrazoi desberdinengatik hunki nazake film batek. Ez dakit sobera, irekia naiz estilo desberdinei. Uste dut ere umorearen eta egunaren arabera gauza desberdinek hunkitzen nautela. Gastibeltza Filmak egituran zabiltza orain. Zinema politika bat nahi zenukete ikusi Ipar Euskal Herrian ere. Politika hori bultzarazi nahian gabiltza. Nahi dugu hemendik ere zinema garatzea, zinema ekonomia ttipi bat muntatzea, teknikariak hemen formatzea... guztia hemen, ez joan behar izateko hemendik kanpo. Egingarria da, baina hori politikarien esku da eta erabakia haiei dagokie hartzea. Zer erranen zenioke kargudun bati, konbentzitzeko orduan? Betiko debatea dugu ea kulturak lurralde bati zerbait ekartzen dion ala ez. Kulturan ari garenok argi dugu baietz: dinamika bat ekartzen dio lurraldeari, lana sortzen du, dirua ere ekartzen du, tokian berean mugitzen delako jendea, lekuko enpresekin lan egiten dugulako... Horrez gain, kulturalki hemengo errealitatea kanpora eramateko manera da; horrek ere gaitu gu konbentzitzen. Erraza da film bat ikustea edozein herrialdetan, horrentzat laguntzak eta nahikeria behar dira, baina berez, eramaten ahal dira euskal filmak Parisera, Errumaniako hiri batera edota Poloniako herri ttiki batera. Katti Pochelu. (Arg.: Jenofa Berhokoirigoin) Nola doa Gastibeltza Filma? Dena plantan ematen ari gara oraindik. Alde batetik, gure egituraren antolatzen gabiltza, bestetik, partaidetzak plantan ematen eta mugiarazten. Euskal Herri guztiko erakundeekin ari gara, politika bat bi aldeetan pentsatzeko eta biak lotu ditzakeen zerbait osatzeko. Proiektuen aldetik ere ari gara karraskan. Aurkeztu ditugun bi koprodukzio ( Jainkoak ez dit barkatzen eta Gure oroitzapenak ) Donostiako Zinemaldian hautatuak izan dira, arrakastarekin. Beste dokumental batean ere ari gara koproduktore gisa eta segitzen dugu aitzina, orain hasiko gara proiektu berriekin. Hego Euskal Herritik ere ditugu proposamenak produkzioak egiteko, filmak banatzeko... Bederen alde horretatik ez gara pobre, lana badugu! [irria] Egia da ilusio handia dugula, proiektua aurkeztu genuenetik  biziki harrera ona dugulako. Ipar zein Hego Euskal Herrian. Bai, hemen jendeak ikusten duelako dinamika bat ari dela sortzen. Ez gara bakarrak ez eta lehenak, baziren beste batzuk, baina hara, garapenak segitzen du. Hego Euskal Herrian ere, senditzen dutelako azkenean Ipar Euskal Herrian ere hasten direla gauzak mugitzen eta ikusten dutelako partaide berri bat, haien filmak laguntzeko, bai ekoizpenean, bai banaketan. Zergatik da hain arraro euskal film bat kausitzea Ipar Euskal Herriko zinematan? Uste dut gehienbat ezjakintasun ala ezezagutza bati lotua dela. Hemengo zinemak ez dira baitezpada euskal kulturatik hurbil, ez dira usatuak euskarazko filmen ikusteari. Banaketa esperientzia bat bada, baina film bat ala bi dira urtean proposatzen, biziki gutti. Proposamena zabaltzea dugu helburu, euskal zineman dagoen aniztasuna erakutsi nahi dugu. Badakigu publikoa badela euskal zinemarentzat, Zineginen esperientziak erakutsi digu, beste film batzuekin ere ikusi izan ditugu gelak betetzen. Publiko horren xerka joan behar gara. Programetan maiztasun bat segurtatuz da euskal zinema ezaguna bilakatuko. Euskal zinemaren normalizazioa bilatzen duzuela entzun nizun. Bai, izan dadila hitzordu normal bat. Programazio bat hartzen dugunean baditugu film espainolak, amerikarrak, errumaniarrak, aitzinkontu ttipi batekin egindako Hego Amerikako film batzuk... horri usatuak gara. Gauza bera egin daiteke euskal zinemarekin, baina usaia hori dugu falta. I par Euskal Herrian kokatuz ez duzue toki errazena hautatu. Behar da nonbaitetik hasi, badakigu egin daitekeela hemen ere eta guk hori dugu xede. Muga hori erabili nahi dugu, behingoz erabilgarri eginez: ekoizpenerako, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko finantzamenduen bilatzeko, baita hegoaldekoek Hegoaldeko eta Espainiakoak bilduz ere koprodukzio bat egiteko. Banaketaren garapenaren aldetik ere hemendik egin dezakegu, Hego Euskal Herritik nekezagoa litzateke.
news
argia-fb29e8b47158
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/auto-elektrikoaren-itxaropena.html
Auto elektrikoaren itxaropena
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2018-10-07 00:00:00
Auto elektrikoaren itxaropena Kapitalismoaren historia, jarduera ekonomikoaren gorabeherekin lotuta azaltzen zaigu. Kapitalismo aurreko sistema ekonomikoetan ere gorabehera horiek ematen ziren, edo hori ikasi genuen Historia Sakratuan esplikatzen zizkigutenean Egiptoko goseteak: behi mehe eta gizenen ipuina. Alta, aldaketa horiek urtealdiko uzten arabera izaten ziren; aldiz, kapitalismoa sistema nagusi bilakatu ostean, jardueraren aldaketak mozkin tasen araberakoak izango dira, Karl Marxek maisuki azaldu zigun bezala. Ekonomia uhin horiek, epe luzean, 40-50 urteren buruan, ekoizkin traktore boteretsuen arabera ematen dira. Duela 250 urte, kapitalismoak jauzi kualitatibo esanguratsua eman zuen, lurrun makina asmatu ostean. Geroago, lurrun makinez eragindako garraio bideak zabaldu ziren. Ondoren, elektrifikazioa eta motor termikoen erabilera orokortzea etorri ziren, oraindik jarraitzen duena. Azkenik, industriaren digitalizazioa, informatizazioa, telefonia eta robotizazioa heldu dira. Sistema berri horiek ezartzen diren bitartean, ekonomiak gorakada bizkorrak izango ditu eta sistema horiek orokortzen diren heinean, hazkunde ekonomikoa motelduz joango da. Gaur egun, badirudi, motore termikoen uhina amaitzear dagoela bi zergati nagusi hauengatik: lehena, jasan ezinezko kutsadura sortzen duelako CO2ren isurketen bidez; eta bigarrena, petrolioan oinarritutako erregaia agortzeaz dagoelako. Ondorioz, zerk ordezka dezake horrelako industria eraginkorra? Egoera horretan kokatu behar dugu ibilgailu elektrikoaren asmakizuna, nahiz 1899rako lehen probak burutu ziren eta 100 km abiadura orduko erdietsi zuen. Alabaina, gure garraio sistema motore termikotik motore elektrikora pasatzen badugu, hiri eta inguruko kutsadura erabat murriztuko zaigu eta, gaixotasun ugari desagertzeaz gain, hiriak bizigarriago bilakatuko zaizkigu. Autogintza inguruko jarduera herrialde askotara heldu da eta Euskal Herrian ere tamaina esanguratsua dauka, bai kopuruz, baita kalitatez ere. Haatik, ez da harritzekoa industria horretan motelaldia sumatzen hasi bezain pronto, irteerak aurkitu nahian ibiltzea; horretan dihardute gure arteko zenbait enpresak: CAF eta Irizar Koop., adibidez. Autogintza inguruko jarduera herrialde askotara heldu da eta Euskal Herrian ere tamaina esanguratsua dauka, bai kopuruz, baita kalitatez ere. Haatik, ez da harritzekoa industria horretan motelaldia sumatzen hasi bezain pronto, irteerak aurkitu nahian ibiltzea; horretan dihardute gure arteko zenbait enpresak: CAF eta Irizar Koop., adibidez Nola ez, auto elektrikoen etorkizun oparoaz jabetuta, Txina sartu da buru-belarri industria horretan. Gainera, hogeita hamaika eskutik dauka. Duela gutxira arte mendebaldeko zenbait herrialdek eraman du autogintzako lidertza; geroago, ekialdeko Asiako beste batzuk gehitu dira eta orain, sektorean agindu nahi du Maoren herrialdeak eta horretarako aukera eskuragarriak ditu. Izan ere, Txinak dauzka auto elektrikoen bateriak ekoizteko lehengai garrantzitsuenak: lur bereziak (munduko ekoizpenaren %79), kobaltoa (Kongok munduko erreserben %60 du eta Txinak erosteko ia monopolioa du), litioa (erreserba esanguratsuak ditu), zerioa…   Zalantzarik gabe, ibilgailu elektrikoek ez dituzte gure hiriak kutsatuko CO2rekin, baina lehengaiak erdiesterakoan ingurumenak kalte esanguratsuak pairatuko ditu: ur gezaren erabilera biderkatuko da eta kontsumo pribaturako urritu, ibaiak kutsatuko dira, inguruko soro eta belardiak pozoitu, eta minbizi kasuak orokortu. Azken finean, gure hirietako haizea garbiagoa izango da eta gai kutsakorrak urruti geratuko zaizkigu. Ez ahaztu jadanik zabor arriskutsuak Afrikara bidaltzen ditugula. Beraz, antzinako kolonialismoa eraberritu dugu: zabor kutsakorrak afrikarrei esleituko dizkiegu, gerrak eta beronek eragindako arma negozioak hara desbideratu, gerrate eta gosete horietatik ihesi datozen etorkinak Mediterraneoan hilobiratzen uzten ditugun bitartean. Baina hori bai, lehengai preziatuak gure ongizatea bermatzeko ekartzen jarraituko dugu.
news
argia-9a295146f1e4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/hiztun-gazteen-topaketa-gasteizen.html
Etorkizuneko liderrak elkar ezagutzen
unknown
2018-10-07 00:00:00
Etorkizuneko liderrak elkar ezagutzen Iragan uztailaren 16tik 19ra Gasteizko Letren Fakultatean eta Oihaneder Euskararen Etxean HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa egin zen. 32 hizkuntza komunitatetako 65 gaztek hartu zuten parte. Horietako bat izan zen Teija Kaartokallio (Inari, Finlandia, 1998), samieraz mintzatzen den gaztea. 2011n egin zen estreinakoz Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa. Gasteizen, orduan ere. Harrezkero, HIGAk ez zuen biderik egin, aurten berriz antolatu arte. Ekimena ez da hutsetik sortua, hainbat erakunde dira tartean. Gasteizko Udaleko Gazteria eta Euskara Zerbitzua dira bultzatzaile, eta babesle, berriz, EHUren Arabako Errektoreordetza eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra. Laguntzaileetan da, bestalde, Oihaneder Euskararen Etxea. Batzorde Akademikoak, berriz, Garabide, Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Unesco Katedra eta Londreseko SOAS Unibertsitatearen bultzada izan du. HIGAren zuzendari Beñat Garaiok adierazi dizkigu Topaketaren helburuak: "Gasteizko gazteei aukera eman nahi izan diegu beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunekin harremanetan jarri eta hizkuntza biziberritzeko esperientziak ezagutzeko. Bestalde, euskararen aldeko jarrerak eta ekintzailetza areagotu nahi izan ditugu Gasteizko gazteen artean. Gainera, gazte ekintzaileak soziolinguistikan eta hizkuntza politikan trebatzea ere helburu izan dugu". Gasteizko egonaldiak aukera eman die partaide guztiei "geroan ere harremanak eratzeko, dela hizkuntzen biziberritzeko esperientziak trukatzeko, dela hizkuntza kooperazio ekimenak antolatzeko ere". Horretan, Garabideren filosofiari jarraiki ari da HIGA. Munduan topaketa bakarra da HIGAren zuzendariak parte-hartzaileen motibazioa goraipatu du: "Beharbada, horrelako topaketa baten beharra sentitzen zuten, edo aukera baliatu nahi zuten, besterik gabe, baina oso parte-hartze aktiboa izan zen, topaketako giroa oso gertukoa, eta hemendik aurrera gauzak egiteko grina, berriz, bistakoa. Beren hizkuntzen alde lan egiteko gogoa dago liderrak edo etorkizuneko liderrak izango diren gazte horietan. Parte-hartzaileak, gutxi-asko, beren hizkuntzak biziberritzeko ekimenetan ardurak dituzte, edo hainbat egitasmoren sorreraren atzean daude". Horri dagokionez, HIGA topaketak nork bere konpromisoa berresteko bidea eman du. Garaiok esan digu: "Azken egunean, gazteok norbanako bezala hartu beharreko zenbait konpromiso zehaztu eta sinatu genituen; 22 guztira. Bertan geunden 65 kideok hitzetatik ekintzetara pasatzen bagara, hizkuntza gutxituen biziberritzean eragina izango du, seguru. HIGAko parte-hartzaileek euren komunitatearen garaipenen berri eman zuten, adieraziz hizkuntzen biziberritzea konkista txikiz osatutako mugimendua dela, eta hainbat esparrutan garaipen horiek lortzen ari direla". Hamalau euskaldunek hartu zuten parte. Atzerriko 32 hizkuntzatako ekintzaileekin esperientziak partekatu zituzten, eta finean, beren trebakuntza hobetu zuten, "hizkuntza-komunitate bezala munduan dugun lekua aurkitzen laguntzen du HIGAk, eta gure hizkuntza biziberritzearen esperientzia kanpoko hizkuntza gutxituen egoeraren ezagutzarekin aberasteko ere balio du". Hiztun gazteen bigarren topaketa honen emaitzak ikusita, partaideek topaketa maiztasunez antolatzeko deia egin zuten. "Munduan bakarra den ekimena dela iruditzen zaigu eta esanguratsua da Gasteizen eta Euskal Herrian antolatu izana. Hainbat argitalpen eta forotan goraipatu da Gasteizen berezitasuna, sozialki baldintza egokiak dituelako hainbat jatorri eta helburutako ekimen sozialak aurrera eramateko". Jakina denez, eta besteak beste, hizkuntza gutxituen esparruan Oihaneder Euskararen Etxeak Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa antolatzen du, eta bi urte dira, bestalde, Gasteizko Udalak, Topagunearekin eta bertako eragileekin batera, Anhitzak Gasteizko Hizkuntz Aniztasunaren Topaketa antolatu zuenetik. Azken honi dagokionez, hor da #HIGA2020 traola, esperientziak jarraipena izan dezan. Samiera Finlandian Teija Kaartokallio (Inari, Finlandia, 1998) samieraz mintzatzen etorri zen Gasteiza. "Europarik iparrenean hitz egiten da samiera, Finlandian, Suedian, Norvegian eta Errusian. Hantxe dituzu samiak. Bederatzi samiera hizkuntza ditugu, hizkuntzak, eta bakoitzaren barruan, hizkelgiak dituzu. Ni, Finlandia partetik nator, non hiru samiera hizkuntza diren. Haietako bat hitz egiten dut, Norvegia partean ere hitz egiten dena, hain zuzen". 4.000 ipar samiera hiztun dira Finlandian, eta beste 2.000 hiztun, berriz, dituzte beste bi samiera hizkuntzek herrialdean. "Sami izena du gure herrialdeak, ez du estaturik, baina herria da". Hego Finlandian jaioa da Kaartokallio, ipar samiera hitz egiten den eremutik kanpora. "Ez nuen etxean ikasi. Amak ere ez du oso ondo hitz egiten. Hala ere, senideak ditugu iparraldean, ama jaio zen alderdian, eta beti joan izan gara senideak bisitan. Urtean bi bidaia ere egiten ditugu senideak ikustera joateko. 1.200 kilometrora bizi dira, baina joaten gara. Haiek samieraz mintzo dira, beti ari dira samieraz, eta belarria egina daukat. Bestalde, han bizi izan nintzen urtebetez, eta hantxe ikasi nuen, egiaz, samieraz". Ordu arte, suomieraz hazi zen Kaartokallio, gehiengoaren hizkuntzan. "Suedia alderdian, suedieraz hazten dira samiera hiztunak. Norvegia aldean, norvegieraz. Errusia partean, errusieraz. Samiera ez den beste hizkuntzaren batean, gehiengoarenean, haziak gara samiok". Finlandian jaioa, hangoxe egoera ezagutzen du ondoen. "Samierak Errusian du kinkarik handiena. Egokiena, aldiz, Norvegian. Desagertzeko zorian dagoen hizkuntza da, baita gehiengoaren hizkuntza den Finlandiako partean ere, hau da, iparraldean". Eta, hain zuzen, bertan du lege estatusa samierak. "Han, legearen arabera, samieraz egin litezke ikasketak, baina legearen arabera besterik ez, zeren eta askotan ez baitago baliabiderik, ez irakaslerik ez beste". Hala ere, samiar gazteriaren %65 samiera gehiengoaren hizkuntza den eremutik kanpo bizi da, non samierak batere babesik ez duen. Samierak badu telebista saio bat edo leihatila bat. "Bizpahiru minutuko albistegia da. Ez da egunkaririk, aldizkariren bat... Aukera handirik ez. Gaitz erdi, Norvegiako aldean bestela da egoera, eta hango samieraren produkzioez baliatzen gara Finlandian. Muga hor da, baina mugaren gainetik dabil samiera. Gure hizkuntza baino geroagokoa da muga". Kaartokalliok dioenez, senideak dira Finlandia eta Norvegiako samietan, eta jende mugimendua gauza ohikoa da. Etorkizunari buruz ez da guztiz baikor. "Indigenak gara samiok, baina gure eremu naturaletik, tradiziozkotik kanpo bizi gara asko, gure kulturatik aparte, eta kultura eta hizkuntza batera datoz. Kulturarik gabe, ez duzu hizkuntza zeureganatuko, eta hizkuntzarik gabe, nekez jabetuko zara, osoki, kulturaz. Bata bestearekin datoz. Samiok, berriz, hirietara ari gara, eta horrek kultura aldatzea dakar ezinbestean". Eta hizkuntzari eusteko lanak areagotzea. "HIGAn ikusi dudanez, zailtasun bertsuak partekatzen ditugu hizkuntza gutxituetako hiztun guztiek, nahiz bakoitzak bere espezifikotasunak dituen". Erantzunik ez dute, aurrera egiteko erabakia hartua besterik. "Erantzunik ez, baina funtsezko galderak egiten asmatu dugu, bederen!", bukatu du irribarrez Kaartokalliok.
news
argia-fc02689a6c05
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2615/jokoa-normalizatzea-apustu-arriskutsua.html
Jokoa normalizatzea, apustu arriskutsua
Jon Torner Zabala
2018-10-07 00:00:00
Jokoa normalizatzea, apustu arriskutsua Gure herrietako denda eta ostatu ugarik itxi dituzte ateak, eta zabaltzen ari dira joko-areto berriak, kirol-apustuen gerizpean nagusiki. Geroz eta gazteago murgiltzen gara jokoan, neurri handi batean Internetek –telefono mugikorrak– eskaintzen duen erosotasun eta bat-batekotasunak hauspotuta. Abantaila dirudiena, ordea, kalterako da sarri, adikzioa borrokatzea helburu duten elkarteetatik diotenez. Kalterako den bezala jokoak duen irudi geroz eta normalizatuagoa, Gasteizko Judimendiko Gazte Asanbladak eta Azpeitiko Elkar-ekin taldeak ohartarazi digutenez. Gasteiz Hoy agerkariak maiatzean emandako datuen arabera , Arabako hiriburuan 27 joko-areto zeuden, eta beste bost irekitzear. Urtea amaitzerako, beraz, 32. Joko-makinak eta taberna-jatetxea uztartzen dituzten lokalak dira gehienak, garbi eta argitsuak, ez daukate pelikuletan ikus genitzakeen areto ilun horien tankerarik. Zenbaitetan, zoruak markatzen du bi munduen arteko muga: egurra-edo tabernan, eta moketa elegantea makina txanponjaleak dauden gunean. Hain justu, espazio berean batzen diren bi mundu horien sinbiosia da ludopatia borrokatzea helburu duten erakundeen kezka iturri nagusietakoa, joko-aretoen irudia normalizatzea dakarrelako, jokoa normalizatzea alegia, geroz eta bezero gazteagoen artean bereziki, kirol-apustuek erakarriak izan direnak hein handi batean. Normalizazio-prozesu horren baitan, ezinbestean behar dira aipatu, adibidez, kirol talde eta ekitaldiak diruz babesten dituzten apustu etxeak, eta irrati-telebista emisioetan zein egunkari berezituen orrialdeetan txertatzen dituzten iragarkiak. Gasteizko Judimendi auzoan iaz ireki zuten joko-aretoa, eta orduan hasi zuen Gazte Asanbladak gaiaren inguruko lanketa. Ekainean plazaratu dute emaitza , Auzoan jokoz kanpo, joko-aretoaren inguruko hainbat argipen txostena. Bertan, besteak beste salatu dute argi koloretsuen itzalean ezkutatzen den "kontsumo eredu indibidualista", zeinak perfil jakin bateko bezeroa harrapatzen duen batez ere: diru-iturri baxuak dituzten gizonezkoak, "gazte eta etorkinen kopuru handia" nabarmenduz. Taberna normalak? "Jokoaren normalizazioak kezkatzen gaitu gehien, eta horrek ludopatiarekin duen loturak", azaldu digute Judimendiko Gazte Asanbladako kide Karla Agirre Aranburuk eta Aitor Brazal Cabrak: "Taberna normalak dirudite. Leku batean makinak dauzkate, baina gainerakoan… Bezero asko gosaltzera edo poteatzera joaten da bertara. Joko-aretoan sartzeak ez du aditzera ematen jokatzera zoazenik, ez dauka konnotazio negatiborik". Gazteek salatu dute makinen arduradunak –hiriko areto gehiagoren jabe den kateak– ordaintzen duela lokal osoaren alokairua, baina tabernaren kudeaketa beste enpresa batek daramala: "Alokairurik ordaintzen ez duenez, aukera dauka pintxo eta edarien prezioa jaisteko, eta auzoko gainerako tabernek ez daukate horrekin lehiatzerik. Denbora gutxian bi taberna itxi dira hemen, neurri handi batean gosaltzera joaten ziren bezero asko galdu dituztelako, tabernariek eurek kontatu digutenez". Asanbladak herritarren artean egindako inkestaren arabera, jende askok uste du joko aretoak "auzo-bizitza hiltzen duela". Ilustrazioa: Xabier Sagasta Ondorio nagusien artean bada beste bat: kontrol soziala handitu izana. Joko aretoek kamerak dituzte barrualdean zein atarian, "bezeroak eta langileak kontrolatzeko". Gainera, lokal inguruan liskarrak izan direla diote gazteek, eta droga trafikatzaileak "lasaitasun osoz" aritu direla "lanean", nahiz eta "aitzakia hori baliatuz" poliziaren presentziak gora egin duen auzoan. Judimendiko Gazte Asanbladako kideek areto barruan egin duten behaketa-lanak eta bertan lanean aritutako zenbait pertsonak kontatutakoek azaleratu dutenez, bi bezero mota bereizi daitezke: tabernara zer edo zer edatera sartzen direnak –zenbait kasutan makinetara hurbilduz–, eta zuzenean jokatzera doazenak. Horien artean gizonezkoak dira gehienak, diru iturri baxuak dituztenak eta banaka-banaka agertzen direnak. Bezero-jokalarien generoaz galdetuta, gazteek esan digute kulturalki tabernak-eta ez direla izan emakumeen espazioa, eta horri "dirua gastatzeko perspektiba" gehituta, hobe uler daitekeela gizonen presentzia handiagoa. "Guk ez dugu sosik izan gure eskuetan, zertarako eta jokoan aritzeko", esan digu Agirrek. "Bada beste osagai bat", jarraitu du Brazalek, propio kirol apustuen gaiari helduta: "Dirua jokatzearena oso lotua dago lehiakortasunarekin, ea nork gehiago jakin, gizonezkoen rolari atxikia egon dena gehiago". Zentzu horretan, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko soziologia irakasle José Antonio Gómezek El País egunkarian zioen apustua "pokerra bezalakoa" dela: "Jendea ez doa soilik dirua irabaztera, baizik eta erakustera zenbat dakien futbolaz, saskibaloiaz edo beste edozein kiroli buruz". Gora eta gora etengabe Judimendi, Zaramaga, aurki Txagorritxun… Gasteizko joko areto asko langile auzoetan daude, periferian. "Euren bezero helburua zein den erakusten du horrek", diote gazte asanbladatik. "Ez da kasualitatea, etorkizun hobearen amets faltsuari jarraituz, gutxien duenak apur hori jokoan xahutzeko bideratua baitago hark sortzen duen menpekotasuna". Ildo berean mintzatu zaigu Eneko Ibarguren, Azpeitiko (Gipuzkoa) Elkar-ekin taldeko kidea, galdetu diogunean herrian zabalduko duten apustu-aretoaren eta haren kontra uztailean deitutako elkarretaratzearen inguruan: "Sektoreko enpresak sekulako dirutzak egiten ari dira auzo langileetan, jendeak bere behar ekonomikoak asetzeko apustura jotzen duelako askotan". Kirol apustuekin lotutako datu bat eman digu, gaia kokatze aldera: Hamar urte igaro dira Reta enpresak (Azpeitiko aretoaren jabeak) Bilbon lehen lokala zabaldu zuenetik. Geroztik Espainiako Estatuan beste 50 bat denda ireki eta ehundaka tabernatan apustuak egiteko 2.500 terminal gehiago ditu ezarriak. "Krisi ekonomikoaz geroztik nabarmen hazi da apustuen merkatua", esan digu Ibargurenek. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2017an 340 milioi euro jokatu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoitza duten enpresen (Reta, Kirol eta Garaipen/Codere) apustu-terminal fisiko eta webguneetan, 2016an baino %10 eta 2012an baino %113 gehiago. Nafarroan ere parekoa da igoera: 74 milioi euro jokatu ziren iaz, 2016an baino %10,92 eta 2012an baino %150 gehiago. Sektoreko enpresek, bestalde, 58 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2016an baino %13 eta 2012an baino %80 gehiago. Jokatutakoaren %15 inguru da hori; zentzu horretan, irabazi-marjina txikiagoa da Estatuko Loteria eta Apustuena baino, %40koa izanik kasu honetan. Kopuru horiei gehitu behar zaizkie gure mugez gaindi –paradisu fiskaletatik maiz– operatzen duten enpresei dagozkienak. Egiaz, on-line apustuez hitz egitean ezinezkoa da diru kopuru zehatzak ematea; milaka milioi eurori buruz ari gara. Honekin guztiarekin lotuta, azpimarratu beharra dago gaur egun ez dela krisi aurretik baino diru askoz ere gehiago jokatzen, baizik eta joko mota aldatu egin dela: jaitsi dira kasinoak, bingoa, kiniela... eta igo dira, nabarmen gainera, hizpide ditugun kirol apustuak. Langile auzoak jo-puntuan "Ludopatiaren aurkako elkarteek maiz eskatu dute antzeko lokalen irekiera erregulatzeko, baina…", jarraitu du Ibargurenek. Hiri handiagoetan, Madrilen edota Londresen esaterako, auzo pobreen eta joko aretoen arteko loturak aspaldi piztu zuen eztabaida. Ez dira adibide bakarrak. Txikiagora jota, ezinbestean behar da Gamonal aipatu, Burgoseko auzoa (Espainiako Estatua), hango borroka eredu den heinean Azpeitia edota Gasteizko eragileentzat. Urteak daramatzate langile auzoetan jokoak izan duen hazkundeaz eta eragiten dituen kalteez eztabaida sustatzeko lanean, eta aldarrikapen-zerrenda mardula osatu dute. Besteak beste, herritar talde batek Udalari eskatu dio lizentziarik ez emateko jokoaren sektoreko enpresei, kirol ekitaldi eta espazioetatik haien publizitatea kentzeko, eta ez daitezela hedabideak erabili apustuak eta jokoa sustatzeko. Gamonaleko jendea Judimendin izango da aurki, jokoaren inguruko hitzaldi-ziklo batean parte hartzeko. Azpeitian ere mahai-inguruak antolatzekoak dira urrian (17an Zer dago apustu etxeen atzean? galderari erantzungo dio Igor Meltxor kazetariak, eta 23an Apustu etxeak eta ludopatia gaiaz arituko dira Virtuss Adicciones elkarteko kide Julen eta Maider Santamaria. Bi hitzaldiak Sanagustinen izango dira, 19:00etan), eta joko areto berriaren aurkako sinadura bilketa ere abiatu dute. Solaskideak jakitun dira aretoak ixtea ez dela erraza, baina horretan saiatuko direla diote, eztabaida gizarteratzearekin bat, "presio zuzena" eginez, Judimendiko gazteek azaldu digutenez, joko-aretoaren barruan egin dituzten protesta-ekintzak gogora ekarrita. Kirol apustuak: klubentzat arnas, askorentzat zama Gasteiz eta Azpeitia izan ditugu hizpide, baina jokoarena fenomeno askoz ere zabalagoa da. Gure herrietan ikusten badugu lokal bat obratan dagoela, litekeena da areto berria irekitzea bertan; eta horri gehitu behar zaio ia guztiok daramagula makina txanpon-jale potentzial bat poltsikoan, telefono mugikorretan kamuflatuta, horrek dakartzan ondorioekin, jokatzeko errazagoa eta kontrolatzeko zailagoa baita, ludopatiari aurre hartzeko lanean ari diren elkarteek ohartarazi dutenez. Halaber, geroz eta kirol talde gehiagok paratzen dute apustu etxeen logoa  euren estadioetako paneletan eta jokalarien kamisetetan, zaleek, adingabeek tartean, erosiko dituzten horietan. Sukarrak futbol klubak harrapatu ditu bereziki, baina ez soilik horiek ("Bilbao Basketek, klubarentzat hauspo eta konfiantza-iturri izan nahi duen 10 urterako akordioa sinatu du RetaBet-ekin", irakurri berri dugu El Correo n , adibide bat aipatzearren). Eta gero eta normalagoa da kirol emanaldietan hedabideek tartekatzea apustu egitera gonbidatzen gaituzten iragarkiak, EITBren telebista eta irrati kateetan adibidez. Futbolean zentratuko gara ondorengo lerroetan, Britainia Handiko datuetan bereziki, apustu etxeen inguruko eztabaida oso presente dagoelako bertan, maila politikora salto egin izanak erakusten duen moduan. Zer pentsatua eman beharko luke hango egoerak. Ingalaterrako bi maila nagusietan jokatzen duten taldeetatik, %60k apustu etxe edota kasino birtualen logoa darama kamisetan, babesle nagusi bezala, eta gehiago dira bigarren mailako babesle gisa dauzkatenak. Espainiako Estatuan, lehen mailako taldeen artean, Reala da (oraingoz) babesleen artean halakorik ez duen bakarra, aurreko denboraldietan Kirolbet zuen arren bidelagun. Hego Euskal Herriko joko-aretoetan lau enpresaren apustu makinak daude. EAEkoak dira horietako bi, Kirolbet eta Reta. Madrilgoa da Codere (EAEn Garaipen izenarekin erregistratua), eta Kataluniakoa Sportium, Nafarroan sustraiturik dagoena. Baskonia eta Bilbao Basket (eskuinean) saskibaloi taldeen babesle ofizialak dira, hurrenez hurren, Kirolbet eta Retabet; pilota txapelketak babesten ditu Coderek; estropadak edota ziklismoa Kirolbetek… Horiez gain, Britainia Handiko enpresak dira protagonista: esaterako, Bet365ek babesten ditu Athletic eta Eibar, eta BetWay-k Alaves (ezkerrean). Errusian jokatutako Munduko Futbol Kopak iraun bitartean, jokoaren sektoreko enpresen iragarkiek alkoholdun edarienak baino ia bi bider espazio handiagoa hartu zuten telebistan, eta janari lasterrenak baino lau bider gehiago. Hala mintzatu zen Tom Watson alderdi laboristako lehendakari-ordea BBC telebista katean : "Munduko Kopa distiratsu honen alderik beltzenetakoa izan da jokoari buruzko iragarkien bonbardaketa, bai telebistaz, bai sare sozialetan. Milaka adingabek ikusi dituzte". Herrialde horretako Jokoaren Batzordeak 2017an egindako inkestaren arabera, 11 eta 16 urte arteko gazteen %12k egiten du apusturen bat astean, 370.000 lagunek gutxi gora-behera; horietako 25.000 "problem gamblers" dira, jokoarekin arazoak dituzten pertsonak. Parentesi bat irekiko dugu orain. ASAJER Errehabilitazioan diren Arabako Jokalarien Elkarteak 146 lagun artatu zituen 2017an, horietako bi adingabeak, legez, 18 urtez azpikoek jokatzea debekaturik duten arren. Aurrez aipatu dugun Jose Antonio Gómez soziologoaren hitzetan "jokoa aisialdi aukera bat gehiago da, liburu bat erostea edota zinemara edo antzerkira joatea bezala. Bere iritziz "kontua da espainiar gizartea oso moralista dela". Kokatze aldera: hark egin du Carlos III Unibertsitateak eta Codere jokoaren sektoreko enpresak elkarlanean argitaratu duten Jokoaren Urtekaria txostena. Kontrara, KirolBet enpresako Manu Egañak Gara egunkariak abuztuan plazaratutako elkarrizketan zioen ezin garela "banalizazioan" jausi: "Ez da aisialdi modu bat gehiago. Txikiteoa bezalakoa da; osasungarria izan daiteke, baina egunero eginez gero, goiz eta arratsalde, medikuak esango dizu arazo bat daukazula". Britainia Handiko Gamble Aware elkarteak 2017an egindako inkestaren arabera, 15-24 urteko gazteen %35k onartu zuen apustu egitera telebistako spot batek bultzatu zuela. Izatez, hedabideetan iragarkiok ikustearen eta adikzio-arazoen arteko lotura ez dago frogaturik, baina bide horretan lan handiagoa egin behar dela uste dute adituek. Gambling Watch behatokiak ohartarazi duenez, "argi dago jokoa geroz eta gehiago ari dela normalizatzen, gazteen artean batez ere. Geroz eta gehiago, apustuak hartzen dira kirol ekitaldiak jarraitzeko edota norberaren talde kuttuna babesteko osagaitzat". Joko "arduratsua", bai baina... Joey Barton futbolari profesional ohiak, 2006 eta 2016 artean legez kontrako 1.260 futbol apustu egiteagatik zigortu zutenak (jokalariek debekaturik dute apustu egitea), esan zuen futbol agintariek onartu behar dutela "interes gatazka" dagoela. "Talka handia dago euren arauen eta joko modernoa inguratzen duen kulturaren artean". Kezka horrek bultzatuta, Ingalaterrako Federazioak (FA) 2017an eten egin zuen Ladbrokes Coral-ekin zuen publizitate-hitzarmena. Taldeen esku dago orain babesletzak lotzea. Joko etxe batekin lotuz gero, jubenil mailako taldeek ezin dute haren logoa erakutsi. Sokaren beste muturrean, EFL Ligako Kopa txapelketak bost urterako akordioa sinatu du Sky Bet enpresarekin. Bi aldeek azaldu dute "joko arduratsuaren alde" egingo dutela lan, futbolariek kamisetan daramaten leloak erakusten duenez: "Dibertsioa eteten denean, eten ezazu". Ildo berean mintzo da KirolBet enpresako Manu Egaña: "Joko-eredu arduratsua eraikitzea dagokigu; enpresok eta [ludopatiaren inguruko] elkarteak batera aritu behar gara, baita unibertsitatea, gobernuak eta oro har Administrazio osoa ere". Horretarako oinarririk ba ote dagoen galdetuta, eztabaida Euskal Herriko parametroetara ekarri behar dela dio: "Madrilen liberalizazioa erabatekoa da eta joko aretoak zabaltzen ari dira 100 metroko tartearekin; hemen askoz ere arautuago dago dena, beste arazo batzuk ditugu, ez ditugu zertan Madrilgoak inportatu". Elkar-ekin taldeak deituta Azpeitian irekitzekoak diren joko aretoaren aurka egindako elkarretaratzea. Egunotan ekimen berriak jarri dituzte abian, sinadura-bilketa tartean. / UZTARRIA Joko arduratsua . Bogan da termino hori. Erabiltzen dute sektoreko enpresek, administrazioek, ludopatiaren inguruko elkarteek... Ezin esan, ordea, hura ulertzeko moduan bat datozenik. "Elkarteek monumentua merezi dute, baina erantzukizun osoa euren gain uzten badugu, baliabideak eman behar zaizkie", dio Egañak. "Aragoin, bildutako tasaren %1 prebentzio-lanetara doa. Ez da asko, baina gutxienez bada zerbait. Bestelakoan, apurka-apurka ludopatia txertatu beharko da Osakidetzan eta gizarte zerbitzuetan. Joko arduratsua ikusi behar dugu [Euskadi osoarentzat]  erronka komun moduan". Elkar-ekin kolektiboaren hitzetan, apustu etxeak "joko arduratsua" bultzatzen dabiltzala dioten bitartean, "menpekotasuna sortzen duten teknikak" ari dira erabiltzen, ongietorri-bonoak, zuzeneko emisioak dauden bitartean doako edari-kontsumizioak, eta kirol ekitaldiak zuzenean ikusteko sarreren zozketak, esaterako. Italian, debekuaren bidea Kirol apustuen gorakadak kezkatuta, 2019ko urtarriletik aurrera Italiako Gobernuak debekatu egingo ditu apustu etxeen iragarkiak, baita enpresa horiek kirol taldeak babestea ere, publizitate-hitzarmena aipatu datatik harago sinaturik daukaten kluben kasuan izan ezik. "Jokoaren industria handiegia bilakatu da, herritarren osasun eta duintasunaren lepotik", adierazi du Luigi di Maio diputatuen ganberako presidenteordeak prentsaurrekoan. Apustuak "familiak hondoratzen" ari direla esan du, eta horrek eragina duela osasun publikoaren aurrekontuetan. Azken datuen arabera, 2017an 400.000 italiarrek izan zituzten "arazoak" apustuekin, duela hamar urte baino lau bider gehiagok. Dekretuarekin kritikoen agertu direnetakoak futbol taldeak dira. A Ligak adierazi du italiar klubak desabantaila-egoeran jarriko dituela, apustu etxeekin babesletza akordioak sinatzen jarraituko duten Europako gainerakoekin alderatuta. Bestalde, jokoaren sektoreko elkarte eta enpresek debekuaren bideak dakarren ondorioez –patronalak "arrisku" terminoa erabili du– ohartarazi dute, jendeak gune "klandestinoetara" jotzera bultza dezakeelako. Euskal Herrian zer gertatuko den, auskalo. Gurea "apustua zainetan daraman" herria dela entzuten dugu maiz, "beti" jokatu izan dela. Horrek ez du esan nahi, ordea, sekula arazorik egon ez denik. "Garai batean baserriak-eta galtzen ziren", esan digute Judimendiko gazteek. "Desberdintasun bat da, agian, pilotalekuan egiten zenuela lehen apustu, baina gaur egun joko-aretoak dituzu, Internet... hurbilago dugu guztia, guztia da errazagoa, normalagoa. Hori nabarmendu nahi dugu".
news
argia-59dbc3172c61
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/padura-baratza.html
Gorbeiaren magaleko lurra eta pertsonak aberasten
Garazi Zabaleta
2018-06-03 00:00:00
Gorbeiaren magaleko lurra eta pertsonak aberasten Duela zazpi urte Zigoitiako (Araba) lursail batean familia proiektua martxan jartzea erabaki zuten Miguel Garcia de Cortazarrek, Ander Arrietak eta Peggi Jonasek: Padura Baratzaren hastapenak ziren, egun mugimendu handiko etxalde agroekologiko bihurtu dena. Eurek ekoitzitako elikagaiak eskaintzeaz gain heziketa lanean dabiltza jo eta su. "Kasik garrantzitsuagoa da guretzat heziketaren alorra", diote proiektuko kideek. Kaltetutako lurrari bizia itzultzen "Lehen urteetan lurrari konposta eta humusa erruz ematen aritu ginen", diote kideek. Izan ere, etxaldeko inguruak nekazaritzarako erabiliak izan ziren azken 40 urteetan, eta lurrotan pestizida eta herbizida ugari botatzen zituzten aurrekoek. "Hasieran harrituta geunden, belarrik ere ez zelako ateratzen, aurretik erabilitako herbizidek oraindik hor zirautelako". Barazkiak erein eta jasotzen hasteko lurra mimo handiz tratatu behar izan zutela kontatu dute Padura Baratzako familiakideek. Zortzi familientzako barazki saskiak osatzen hasi ziren lehen urteetan, baina pixkanaka ekoizpena eta landutako lursailak handitzen joan eta egun 50 familiek jaten dute Padura Baratzako hiru hektarea eta erditik. "Ekoizpen kantitatea handitzeaz gain, barietate geroz eta handiagoa dugu: frutalak ditugu orain, marrubi, masusta gorri eta andere-mahats gunea ere badugu". Bost kiloko saskiak osatzen dituzte astero familientzat, eta urtebeterako konpromisoa eskatzen diete. Etxaldea eskola Agroekologiaren eta bioeraikuntzaren inguruko gaiak ezagutaraztea ere bada Padura Baratzako kideen helburua. Eskoletako gaztetxoentzako bisitak antolatzen dituzte etxaldean, Slow Foodekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. "Ziklo osoa erakusten diegu gaztetxoei: nola animaliak izatea garrantzitsua den ongarria ematen digutelako, nola intsektuen beharra dugun polinizatzen dutelako…". Helduentzako ere antolatzen dituzte ekimenak Zigoitiako etxaldean. Lurrarekin zerikusia duten hamaika tailer eta ikastaro egin dituzte urteotan: kosmetika naturala, sukaldaritza, agroekologia tailerra, okintza… Aurrera begirako asmoez galdetuta, hona erantzuna: "Jada martxan dugunarekin jarraitzea eta hobetzea da asmoa, eta natura bizia duen zerbait bezala tratatzen jarraitzea. Denok dugu ardura honetaz hitz egiteko, jendeari gogorarazteko eta gure bidea aldatzeko".
news
argia-88431a6843ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/jack-kerouac-en-errepidean.html
Askatasun bila dabiltzanentzat
Gorka Bereziartua Mitxelena
2018-06-03 00:00:00
Askatasun bila dabiltzanentzat Hippiak baino lehenago izan zen. Vietnamgo gerraren aurkako mugimendua hasi baino lehen. Are, Vietnamgo gerra bera baino lehen: 1951. urtean bukatu zuen Jack Kerouac idazle estatubatuarrak On the road nobela, 1957ra arte publikatu ez zen arren. Sekulako eragina izan zuen AEBetako literaturan (lehenbizi) eta mundu osokoan (handik gutxira), gerora indar handia hartuko zuen kontrakulturaren obra zentraletako bat bihurtzeraino.Eta orain, azkenik, euskaraz irakurri ahal izango dugu. 2016an Pasazaite argitaletxeak David Foster Wallaceren Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat argitaratu zuenerako jakinaren gainean geunden: Jack Kerouac -en On the road euskaraz argitaratzeko asmoa zeukan inportazioko liburuetan espezializatutako editorialak, idazle iparamerikarrei eskainitako "43 Ipar Paraleloa" bilduman. Eta hortzak izerditan hasi zitzaizkigun, XX. mendeko AEBetako nobelagintzaren gailurretako bat baita. Behin plan horren berri izanda, euskaraz eduki arte ez ginen aseko, "Jack Kerouac non ote dago?" galdetzen genuen egunero, Beti Mugan taldeak kanta hartan bezala, aurtengo Literaturiaren programa ikusi genuen arte. Maiatzaren 26an aurkeztu dute azkenik Errepidean , Garoa liburu-dendan. Iñigo Roquek itzuli du eta Zarauzko zita baino lehen hitz egin dugu berarekin, galdetzeko ea zergatik duela bi urtetik iragarrita zegoen liburua orain argitaratuko den: gaizki jarritako seinaleren batek okerreko errepidetik eraman du? "Gozamena luzatzeko izan dela esan behar nuke, baina ez da hala izan", esplikatu du. "Esan dezagun desorduko literatura-itzultzailearen abiadura-mugak estuak direla eta zenbait matxura izan ditudala bidean. Liburuak kolpe bakarrean jo behar zaitu; arnasaldi bakarreko jario bat itxuratu behar du; abiada bizian eraman behar zaitu Amerikako kontinentean barrena; 'eromenezko zurrunbilo' basa batean, Kerouacen hitzetan. Eta, horretarako, ezin zara tonu egokitik atera, eta horrek patxada eskatzen du, eta nik, nolabait ere, patxada hori aurkitu arte ezin izan dut lana amaitu". Kerouac euskaraz irakurtzeko lehenbiziko aukera izango da. Gezurra badirudi ere, Roqueren aurretik inor ez da haren prosarekin ausartu gurean. Hori itzultzaile batentzat problema ote den jakin nahi izan dugu edo, kontrara, askatasun handiagoz jokatzeko aukera eman ote dion. Portugaleteko itzultzaileak bitxikeria baten berri eman digu: "Jean Etxepareren Beribilez -era jo nuen, itsu-itsuan, hizkuntza tresnatzeko, jakinik harengan beti badela zer ikasia, eta ez nintzen tronpatu". Aldudeko medikuaren liburuak sorpresaz beteriko kutxa dira, baina haren laguntzarekin ere, Kerouac Kerouac da eta zenbait pasarte euskaratzeko burua estutu behar: "Lantegirik latzena jazz-kontzertuen deskribapen xeheak izan dira, bateria-jotzaileen azken izerdi-tantarainokoak ia. Hor, bai, erritmoa, bizitasuna, eroaldi kolektiboa... dena jaso eta sentiberritu behar zen". Emaitzarekin gustura dago, nolanahi ere; eta azken irakurraldietan "disko bat jartzea bezain atsegina" iruditu zaio euskarazko bertsioa. Askatasun pertsonalaren bila Zer da, baina, Errepidean ? Bada, beat belaunaldiaren erreferentziazko obra: 1950eko hamarkadako fenomenoa izan ziren beatnik -ak, haien txapela, eguzkitako betaurreko borobil, lepo luzeko elastiko eta arropa beltzekin garai bateko kontrakulturaren estereotipo bihurtzeraino. Jarrera berri bat ekarri zuten literaturara, baita literaturatik harago ere: AEBetako gizarte konformistaz asperturik, bizitzeko modu berrien bila hasi ziren zenbait gazte estatubatuar, bestelako balioak, askatasun sexuala, drogak, Asia ekialdeko kultura eta filosofia… Dena jazz musikaren erritmoan. AEBetako gizarte konformistaz aspertuta, beste zerbaiten bila hasi ziren gazteentzat erreferentziazko nobela izan zen Errepidean "Askatasun pertsonalaren bilaketa da, hain zuzen, liburuan proposatzen dena", azaldu du Roquek. "Ez dakit horrek gurean oso ospe ona izan duen", esan du gero. "Rikardo Arregik Arestiri idatzi zionez: 'Euskaldun jendeak artalde izatean jartzen du esperantza'". Gisa berean, itzultzailearen ustez, nobelako protagonista den Sal Paradisek –Kerouac ordezkatzen duen pertsonaiak–, barne-gatazka bizia dauka, askatasun-nahiaren eta izeba/amarekin konplitu beharraren artean. Hor dago eleberriaren gakoa, Roquek dioenez: "Alde batetik, askatu ezin hori dugu, eta, bestetik, Moriarty/Cassadyren mundua edan beharra, moralkeriarik eta damurik gabea". Dean Moriarty pertsonaiaz ari da: izengoiti horrekin agertzen da nobelan Neal Cassady idazle eta beat belaunaldiko pertsonaia gakoa. Biak, Kerouac eta Cassady, elkarri bizkarretik helduta agertzen dira Errepidean -ek munduko hainbat hizkuntzatan izan dituen argitalpenen azaletan. Cassadyk eragin handia izan zuen Kerouacen idazkeran, paper zuriaren aurrean jartzeko jarrera berri bat erakutsi ziolako. Haren eraginpean aldatu zuen estiloz, The Town and the City lehenbiziko eleberrian erakutsi zuen idazkera sentimentalagotik "lasterketa estasiatu ero batera" pasaz. Konbentzituta egin zuen aldaketa gero: hiru astean idatzi zuen Errepidean -en lehenbiziko bertsioa, paper jarraitua erabiliz; guztira 36 metro testu, bulkada betean sortuak eta gero, nobela gisa argitaratzeko, moldatuak –testu originala ere publikatuta dago ingelesez, nobelaren 50. urteurrenarekin bat eginez argitaratu zuten edizioan–. Beat gutxi euskaraz Hutsune handi bat beteko du itzulpen honek eta akaso bidea irekiko, garai bereko beste idazle esanguratsu batzuen lanak ere euskaraz argitaratu daitezen. Allen Ginsberg edo William S. Burroughs-en libururik apenas itzuli dela aipatu diogu Roqueri: "Ginsbergen Ulua Harkaitz Canok itzuli zuen ( Armiarman dago ), eta, bai, ez dago ezer askorik. Burroughs literatura jonkie-an sartu izan da, eta gurean, noski, halakoek ez dute ia lekurik izan... Uste dut oso urruti geratu zaizkigula hain jarrera bizizale, pertzepzio-hedatzaile eta, tarteka, patetikoak". Edozelan ere, garai horretako literaturan murgiltzen hasita, pixka bat sakonago joateko gonbidapena egin digu itzultzaileak: "Bada emakume poeten bilduma interesgarri bat, Beat Attitude izenburukoa; Kenneth Rexroth-en saiakera eta fikzio ederrak; Emmet Grogan-en Ringolevio ( Errepidean -eko Moriarty bezalako atsegin-bilatzaile ero bat bera)…". Eta Kerouacen lanak utzitako oihartzun berriagoak nahi dituenarentzat ere badu proposamenik Roquek: "Lehengoan, Robert Macfarlane-ren The Old Ways zoragarria irakurtzen ari nintzela topo egin nuen berriro Kerouacekin: 'Gau aldetik, zaldien zintzarrien txilin hotza iritsi zen. «Zer esan zuen Kerouacek?», galdetu zuen Jonek, denok kanpadendetara abiatu aurretxoan. «Egin dezagun lo ibaien ondoan, belarriak arazteko»'".
news
argia-90de1fc6a3db
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2601/euskal-herriko-gatazka-armatua.html
Memoria feminista eraikitzen
Amaia Lekunberri
2018-06-03 00:00:00
Memoria feminista eraikitzen ETAren desegitea denboran oso gertu dugun honetan, gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko baldintzei dagokienez eraberritutako eszenatokia estreinatu dugu Euskal Herrian. Zikloa ixtera bidean, baina, badago zer ibili oraindik: preso eta iheslarien etxeratzea eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa zintzilik dauden egitekoak dira oraindik orain. Are gehiago, azken aspektu horri dagokionez, lanak biderkatzen ari zaizkigu. Izan ere, indarkeria jakin baten intentsitatea jaisten doan heinean jendartea sostengatzen duten beste indarkeria batzuk azaleratzen ari dira, Emaginek 2016ko Eskola Feministan ohartarazi bezala. Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan emandako indarkeria sexuala, biderkatzen ari zaigun lan horren adibide garbia dugu. Guda testuinguruetan emakumeen gorputzak gerra-arma bezala erabiltzeko joera historian zehar han eta hemen errepikatua izan da. Hasi Kolonbiatik eta Bosnia-Herzegovinaraino, Txile, Irlanda eta beste hainbeste herrialde tartean hartuta. Emakumeen kontrako indarkeria sexualaren erabilpena etsaiaren kontrako arma boteretsuenetarikoa izan da gatazka testuinguruetan, eta Euskal Herria ez da inolako salbuespena. Esparru eta forma ezberdinetan, espetxe barruko bortxaketetatik kalekoetara, emakumeenganako indarkeria sexuala hor egon da uneoro. Honako honetan, biktima guztien aitortza ardatz, historiaren kontakizunak orokorrean bazterrean mantendu dituen zenbait eraso ekarriko ditugu erdigunera, denak emakumeek pairatutakoak eta elkarrekin lotura dutenak. Ana Tere Barrueta eta Mari Jose Bravoren izenak lagundu gaitzakete erasook kokatzen, erasoon biktima mortalak baititugu biak. Ana Tere 19 urte zituela bortxatu eta hil zuten GAE (Grupos Armados Españoles) talde parapolizialeko zenbait kidek Loiun. Mari Jose aldiz, 16 urterekin bortxatu eta hil zuten Donostian BVEeko (Batallon Vasco Español) kideek, bikotekidea ere larriki zaurituz, jipoiak eragindako kalteen ondorioz zortzi urte beranduago hil zela. 1977-1980. urteen artean modus operandi berberarekin burututako aldarrikapen politikodun bortxaketa multzo baten biktima tragikoenak ditugu Barrueta eta Bravo, gainontzeko emakume bortxatuak bezala Barne Ministerioko biktimen zerrenda ofizialetik kanpo geratu direnak. Kasuok, talde parapolizialek burututako hilketa gehienak bezala, ez dute ez sumariorik ez epairik izan, eta erasotzaile zein hiltzaileak zigorgabe atera dira. Foro Sozialak Euskal Herriko gatazkak utzi dituen argitu gabeko kasuen gainean egindako informearen lehen zatian, zeina heriotzan amaitu diren kasuetara mugatu den, gatazkaren biktima gisa aitortuak izan dira Barrueta eta Bravo. Pausu bat harago, Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak argitaratutako informe batean lehen aldiz eta ofizialki aitortzen dira Euskal Herrian emakumeen kontra emandako aldarrikapen politikodun erasoak. Elkarte honek luzatutako datuen arabera, eskuin muturreko talde parapolizialek burututako motibazio politikodun bortxaketak hamalau izan ziren – aipatu bi kasuetan biktimaren heriotza eraginez– eta oraindik hainbat kasu daude zehazteke. Erasoak egikaritzerakoan erabilitako modus operandi a berbera izateagatik eta epe-tarte batean intentsitate handiz eman izanagatik batera multzokatuak izan dira eraso hauek. 1977 bukaera aldera eman ziren Iruñean lehen aldarrikapen politikodun bortxaketak, 1979 amaiera aldera hasi ziren ematen Bizkaia eta Gipuzkoan, azken lurralde honetan Pasaia eta Irun artean kokatu ziren gehiengoak. Kontzientzia politikoa indartsu zegoen herrietan burutu ziren erasoak, aurretiaz eta estrategikoki pentsatuta zeuden adierazle. Eraso guztietan bi erasotzaile edo gehiagok parte hartzen zuten, biktima gazteak aukeratzen zituzten, armatuta eta autoaz ageri ziren, biktimak galdekatu ostean bortxatzen zituzten eta gero bortxaketak politikoki erreibindikatu, gehiago emango zirela mehatxu eginez. Jarduteko moduaren azken puntua mehatxua izateak agerian uzten du, Argituz-ek azaltzen duen moduan, eraso hauekin biktimetatik harago "euskal nazionalismoarekiko sentikortasuna edo ezarritakoaren aurrean errebeldia partekatzen zuten jendarteko segmentu ezberdinetan ere terrorea eragitea" zutela helburu. Xede horrekin eta historian beste behin, emakumeak gerra-arma modura erabiltzearen teknika klasikoaren aldeko apustua egin zuten. Emakumeen gorpuak beldurra ereiteko lursail Begoña Aretxaga antropologoak bere azterketekin iradoki zuenez, "gorputzean eta gorputzetik egikaritutako biolentzia politikoak ezin dio ihes egin sexu ezberdintasunaren esanahiari". Gatazka politikoek generoa dute, alegia. Ideia hori azpimarratzen du, Euskal Herriko kasua testuinguru gisa, biolentzia politikoak eta generoa elkar gurutzatzen diren puntua ikertzen aritua den Olatz Dañobeitiak. Honen ikerketan irakurri dezakegu, pertsonak jazartzeko hauek gizarte-harremanetan daukaten mendeko kokapena erabiltzen dela gatazka politiko testuinguruetan ere. Eta generoa gizarte egituratzaile nagusietakoa izanik, aspektu esanguratsua bilakatzen dela gatazka egoeretan alde bat jazarri nahi denean. BEGOÑA ARETXAGA: "Gorputzean eta gorputzetik egikaritutako biolentzia politikoak ezin dio ihes egin sexu ezberdintasunaren esanahiari" "Jazarria den gorputz zehatz eta partikular baten aurkako erasoak berau gainditzen duen gorputz sozial osoarengan edo komunitate zehatz batengan beldurra eragitea bilatzen duela ondorioztatu genezake", azaltzen du Dañobeitiak. Emakume kondizioak gizon kondizioarekiko daukan mendeko posizioaz baliatuta emakumeak gerra-arma modura erabili eta bortxatzen direnean, beraz, larderia eta mehatxuaren bitartez komunitate edo pertsona talde baten obedientzia bilatzen ari da erasotzailea.  Beldurraren eraikuntza sozialaren erabilpenaz egiten dugu topo puntu honetan. Beldurra izatez biziraupenerako eta autodefentsarako oinarrizko emozioa izan arren, horren eraikuntza sozialak obedientzia bilatzen du. Mehatxua edo arriskua eragin dezaketen gauzak pertsona bakoitzaren –klase, arraza, ideologia, adin, genero edo sexu– kondizioarekin hertsiki lotuta daudela azpimarratzen du Dañobeitiak, eta sozialki kondizio horien gainean eraikitzen direla beldurrak. Hala bada, emakumeak gerra-arma modura erabiltzearen ondorioz generoaren gainean eraikitako bortxaketari beldurrak ideia, balore zein praktika komun batzuk elkarbanatzen zituen komunitate edo talde oso baten obedientzia eta desmobilizazioa bilatzen zituela ondorioztatu genezake. Emakumeak biktima kondizioa alboratzen Gerra egiteko arma erabilgarri moduan jo puntuan jartzen zena emakumeen gorputza izanik, komunitate guztiari eragitea bilatzen zuen bortxaketaren mehatxuak inpaktu bortitzagoa zuen emakumeengan. Paralizazioaren aurrean beldurra mobilizaziorako erregai bezala erabiltzen asmatu zuten hainbat emakumek ordea, horren adibide argia Oreretan mugimendu feministak bortxaketei emandako erantzun sendoa. Herriko memoria feministaren eraikuntzan lan egiten duen Memorandra taldearen baitan, bortxaketa hauek Oreretan eragin zuten erantzun feministaren kontaketa historikoaren eraikuntzan aritu da Eli Etxabeguren, eta honek "inflexio puntua eta praktikan mugarri potentea" bezala jotzen du gertakariaren aurrean mugimendu feministak emandako erantzuna. Orduko hartan "beldurra gainditu eta hau aliantza, ahizpatasun, emakumeen arteko kohesio, potentzia handiko diskurtso feminista eta borroka bilakatzeko" emakumeek erakutsitako gaitasunak azpimarratu ditu Etxabegurenek. Gatazka politikoa medio egunero hilketak ematen ziren testuinguru hartan bortxaketei buruzko diskurtso politikoarekin herrian zeuden borroka guztien artean toki bat egitea lan nekeza izan zela kontatu digu Etxabegurenek, talde parapolizialekin eta Espainiako Estatuarekin ez ezik herriko mugimendu sozial eta politiko ezkertiarrekin ere emakume subjektutik borrokatu behar izan zutela azalduz. "Honek herriko mugimendu feministaren ahalduntzea eragin zuen", egiten du irakurketa. Errenteriko Emakumeen Taldearen izenean sasoi hartan praktikara eramandako ekintzen artean azpimarratzen ditu bortxaketei erantzuna emateko espreski atera zen Garraxi aldizkaria, piketeak, gaua eta kaleak emakumeenak ere badirela aldarrikatzeko gaueko manifestazioa eta 1980ko urtarrilaren 17an bortxaketak salatzeko deitutako greba orokorra. Paralizazioaren aurrean beldurra mobilizaziorako erregai bezala erabiltzen asmatu zuten hainbat emakumek ordea, horren adibide argia Oreretan mugimendu feministak bortxaketei emandako erantzun sendoa. Memoriaren eraikuntzari berebiziko garrantzia ematen dio Etxabegurenek, bere hitzetan honek ahalbidetzen baitu identitate berriak sortu, aurrerapausoak eman eta mugimendu feminista aktibatzen jarraitzea. Egiten duen sexu erasoen kontaketak musu-huts uzten du emakumeei subjektu pasibo izaera ematen dien biktimizazioa, oso-osoan subjektu aktiboak diren emakumeak bistaratzen baititu. Isabel Piper Shafir psikologoak memoria eraikuntza kulturala eta politikoa dela defendatzen bazuen, hemen horren beste adibide bat: gizonek eta emakumeek kontakizunak gauza ezberdinen gainean eraikitzen dituztela jakinik, gizonezkoen bizipen pertsonal eta ekarpen partikularra orokor bilakatzeko joera androzentrikoaren aurrean emakumezkoen memoria berreskuratzen duen kontakizuna. Emakumeen bizipenetatik eraikitako kontaketa baten faltan, eraso hauen gaineko irakurketa –halakorik egingo balitz– emakumeen biktimizazioan eroriko litzateke seguru asko, gatazka armatuaren baitan emakumeak subjektu pasibotzat joaz beste behin ere, eta honek etorkizuneko emakumeen identitateetan ezinbestean eragingo luke. Memorandrak fin aritu dira ondorengoengana helduko den eragin hori egoki bideratzen. Memoria lana emakumeen biktimizazio prozesua eten eta hauen agentziaren ukapenari aurre egiteko tresna baliagarria denik ezin ukatu, honek ahalbidetzen baitu gatazkaren irakurketak egiterako momentuan emakumeak ere ahots eta agentzia osoko subjektu aktibo gisa ulertzea. Lan horretan ari dira lerro hauek idazten lagundu duten emakumeak eta beste hainbeste. Emakumeek eraikitako kontakizunak plazaratu eta gaurdaino eraikitako iruditeria azpikoz gora jartzen ez ezik, gailendu izan den historia eta berau idazteko modua ezbaian jartzen ari dira. Berdintasunean oinarritutako herri baten eraikuntzari begira ezinbesteko pausua, soilik komunitate osoaren kontaketa barnebiltzen duen memoriak sortu baitezake etorkizuneko jendarte parekideago bat.
news