id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-27d9d26f1d01 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/hartz-kumearen-abenturak.html | Hartz-kumearen abenturak | Xabier Etxaniz Erle | 2018-02-18 00:00:00 | Hartz-kumearen abenturak
Gure literaturako gabezietako bat komikigintzan dugula esango nuke. Komikiak irakurtzeko oso tradizio txikia dugu (Hegoaldean) eta oso gutxi dira genero honetako argitalpenak euskaraz; horregatik eskertzekoa da Astiberri komiki-etxe bilbotar ezagunak eginiko apustua eta esfortzua beren lan batzuk euskaraz ere argitaratzen.
Waluk dugu azken ekarpena arlo horretan. Emilio Ruizen eta Ana Mirallesen artean eginiko elkarlanetako bat, hain zuzen. Ruizen gidoia eta Mirallesen irudiak dituen lan honek hitzaurre bat du hasieran, Ruizek egina, eta bertan galdera bati heltzen dio gidoilariak: "Zein duzu animalia gogokoena?", eta hainbat animaliaren kontuak aipatu ondoren Ruizek zera diosku: "Ez dut nahi Artikoko hartzak desagertzerik. Hartz zuria da nire animalia gogokoena".
Eta Artikoko hartz-kume bat, Waluk, dugu istorio honen protagonista. Izotzetan eginiko zuloan etorriko ez den amaren zain dagoen hartz-kumea. Eta zulotik irten ondoren munduari, mundu basati eta gogorrari aurre egin beharko diona. Hasieran bakarrik eta geroago Eskimo hartz handiaren ondoan.
Animalia eder eta handi hauen eguneroko bizitza ageri zaigu Waluk honetan; nola ibili behar diren elikatzeko, etsaiei eta bestelako animaliei nola egiten dieten aurre, gizakion presentziak nolako eragina izan duen beren lurraldean. Kutsadura, turismoa, suntsiketa edo zientzialarien ikerketa agertuko zaizkigu, besteak beste, istorio entretenigarri eta gomendagarri hauetan. Abenturaz beteriko istorioetan, izan ere, egoera oso ezberdinetan, gosez, jolasten, preso… ikus baitezakegu gure pertsonaia.
Egia da animaliak direla liburu honetako protagonista nagusiak, baina animalia horien bidez, edo animalia horiei esker esan beharko genuke, gizakion jokabideaz egin dezakegu gogoeta. Lurra, Artikoa kasu honetan, nola hondatzen ari garen ikus dezakegu hartzen begiei esker, hartzen gogoeta eta jokabideei esker.
Baita nola aldatzen ari diren animalia horiek gizakion ekintzen eraginez ere. Bego Montoriok ederki itzulitako liburu hau (2011n argitaratu zen etxe berean gaztelaniaz) Astiberri etxearen komiki kate baten hamargarren maila dugu. Gero eta luzeago eta osatuago izango den katea! | news |
argia-4dbc051106e8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/sahel-kontrolatu-nahian-malin-afganistan-berria-sutu-dezake-frantziak.html | Sahel kontrolatu nahian, Malin Afganistan berria sutu dezake Frantziak | Pello Zubiria Kamino | 2018-02-18 00:00:00 | Sahel kontrolatu nahian, Malin Afganistan berria sutu dezake Frantziak
Urtarrilean bost urte bete dira Frantziak Malin Serval operazioa abiarazi zuenetik, Azawadeko tuaregen eta Ansar Dineko islamisten mehatxutik hiriburua babestu eta Bamakoko gobernuari laguntzeko herrialdearen iparraldeko lurren kontrola berreskuratzen. François Hollandek 2013an hasitako esku-hartzea indartu nahi du orain Emmanuel Macronek, baina hainbat ahots hasi zaizkio ohartarazten Frantziak Malin aurki dezakeela yankiek Afganistanen piztu bai baina oraindik itzali ezin duen infernua.
Emmanuel Macron lehendakari gazteak urtarrilaren 19an ekitaldi solemne batean bildu zituen Frantziako armadako buruzagiak 1.200 militar hautatuekin batera Toulongo kaian ainguratuta dagoen Dixmude gerra-ontzian. Anbizioz betetako aldaketak agindu zituen: derrigorrezko soldadutza berrezartzea, armadaren aurrekontuak sekula baino gehiago indartzea, ahalmen nuklearrari eustea... eta terrorismo islamista suntsitzea.
Siria eta Ekialde Hurbilaz gain Macronek espreski aipatu zuen Frantzia Saharako basamortu bazterretan egiten ari den esfortzua: "Mundializazioarekin, Frantziaren interesak ez dira mugatzen gure mugetara. (...) Badakigu gure lurraldea defenditzeko batzuetan hemendik urruti borrokatu behar dela atentatuak antolatzen dituztenen kontra. (...) Ekialde Hurbiletik Sahelera, erabat gaude konprometituta mehatxu berrien kontrako lanean". Esatea errazago da.
Otsailaren 2an Le Figaro egunkariak bi orri eskaini dizkio Saheleko abentura militarrari: " Serval operaziotik bost urte pasata, Al Kaedak gangrenatzen du Mali ". 2013ko urtarrilean mundu osoaren pozerako frantsesek askatu zuten Tonbuktu mitikotik idatzi du Thierry Oberlek: "Jihadisten okupazioa bukatu eta bost urtera, bazterrak ilun daude hemen. Gehiengoa diren beltzak mesfidatzen dira 'larru zuriez', arabiarrez". Tonbuktuko alkateorde Bubakar Sadekek esan dio: "Lehen zegoen jende ezberdinen arteko sinbiosia bukatu da. Hemen ez dago buruhaustea besterik. Estatuko agintariek diote bortizkeria hondarrak geratzen direla, erotutako jendea, baina nola nahi duzu bakean sinestea jendea kale gorrian hiltzen dutenean eta gobernu txar bat nozitzen dugunean?".
Eusebio Valek La Vanguardia n idatzi duenez, denborarekin Paris hasi da bizitzen Sahelen lehenago AEBk Afganistanen eta gero Iraken bizi izan dutenaren antzeko egoera, "etsaiak berriro agertu dira, hemen segada eta hor atentatua, beren alde dauzkatelako Estatuaren ahulezia, inguruaren ezagutza eta komunitateen arteko liskarrak".
Eskualdean militarizazioak daraman abiadura azaldu du " Sahel, escalade guerrière " kronikan Afrique-Asie k, berrikitan paperezko hilabetekari ezaguna itxi arren edizio digitalean jarraitzen duenak. Eskalada militarraren adierazgarritzat aipatu du Burkina Faso, Mali, Mauritania, Niger eta Txadeko militarrek eta Frantziakoek osatu duten FC-G5 indar bateratua.
Martxorako FC-G5k edukiko ditu 5.000 militar afrikar 7 batailoitan antolatuak Frantziak 2013tik bidalitako 4.000ekin elkarlanean. Horiei gehituko zaizkie Nazio Batuen Erakundearen MINUSMA misioko 12.000 kasko urdin. Ahaztu gabe, hurbil, AEBek Afrikako komando zabalaren barruan Nigerren dauzkan 800 soldaduak.
"Sahelen eta Mendebaldeko Afrika osoaren militarizazioa, nagusiki Frantziak eta AEBek daramatena, errukirik gabe doa aurrera", idatzi du Gilles Olakounte Yabi International Crisis Groupen Afrikarako zuzendariak. Bere analisiari izenburu adierazgarria ipini dio: "Drone armatu frantses eta amerikarrak Mendebaldeko Afrikako zeruetan, horiek seguru sentiarazten al zaituzte?".
Gerraren zabaltzeak Saheleko herritarren artean menpekotasun irudipena handitu arren, lekuko eliteak pozarren daude, "gerra hauentzako aukera ederra baita askatasunak mutilatu, herrialdearen burujabetza desegin eta bertako baliabideak lasai ederrean arpilatzeko", Afrique-Asie k bildu duenez.
Etsaiak ere lagun diezaguke zerbaitetan
Gaiotan informazio iturri ederra den Orient XXI hedabidean Abdelkader Abderrahmanek "Sahelen barrena 'kaos eraikitzailea' hedatzen ari dira " plazaratu du. Brehon Advisary aholkularitza konpainian ari da. "Malin egoera zaila da –dio Abderrahmanek– eta Sahel bolborategi arriskutsua bilakatu da, giroa oso nahasita dago. Egunero dago erasoren bat, auto edo armen lapurreta edo bahiketaren bat. Sarritan gertakizunok aipatu ere ez ditu egiten lekuko prentsak, are gutxiago noski nazioartekoak. Domino jokoan bezala, ezinegona inguruko herrialdeetara zabaldu da".
Historian atzera joanda, europarrek Afrika elkarren artean banatu zuten 1885ean Berlingo Konferentzian. Frantziako Inperioak Afrika Mendebaldea beretzat gorde zuen. 1960ko hamarkadatik petrolioak eta beste natur baliabideek erakarri AEBak ere. 1997tik garrantzia berezia hartu du Afrikak amerikarrentzat, Pentagonoak ezarri zuenetik energia hornidura AEBen behar estrategiko nagusitzat. Persiar Golkoa bera baino garrantzitsuagoa gerta litezke etorkizunari begira Aljeria, Gineako Golkoa… eta Sahara bera, oraindik aurkitu gabeko petrolio hobiekin.
Txina ere azaldu zen, berehala afrikarren sozio komertzial nagusi bihurtuz. Europar eta amerikarrek afrikarren erabakietan muturra sartzen bazuten, Txinak bakean uzten ditu eta negozioen truke maileguak eskaintzen baldintzarik onenetan.
Zeren bila dabil Frantzia ofentsiba berriarekin? Ahmedou Ould Abdallah, NBEaren goi funtzionario ohia: "Frantziak Libian eta Malin eskua sartuz nagusiki nahi dio eutsi bere potentzia izateari, NBEaren Segurtasun Kontseiluan egoteko eskubideari eutsi, munduaren egonkortasunaren berme agertu". Mali beti egon da Afrikan kolonialistek zerabiltzaten jokoen erdian, Doulaye Konate historiagileak esan duenez: "Mali kontrolatzen duenak kontrolatzen du Mendebaldeko Afrika, ez bada Afrika osoa".
Badago arrazoi oso zehatz bat ere. Islamisten kontrako garaipen handiak iragarri dituzte frantsesek, baina horien irudirik ez da, kontakizun independenterik ere ez. Bertako lekukoek kazetariei esan diete frantsesek ihes egiten utzi zietela islamistei erabat inguratuta zeuzkatenean. Iparraldera, basamortura alde egiten utzi?
Gakoa egon daiteke AREVA konpainiak Arliten –Nigerren, Malirekiko muga ondoan– dauzkan uranio meategi handietan. Zeren, uste denez, askoz uranio hobi gehiago daude oraindik ustiatu gabe eskualde horretan, eta Frantziari interesatzen zaio beste inork hor muturrik ez azaltzea. Mali iparraldeak, gainera, negoziatu du hegoaldearekiko autonomia… frantsesei esker.
Berlingo hitzarmena eta 130 urte geroago, Afrikaren banaketa berria jokatzen da. AEB, Txina, Frantzia... munduko potentzia handiak lehian dabiltza bermatzeko beren hornidura petroliotan, metal preziatuetan, laborantzarako lurretan… eta baita basamortuak hondarpean gordeta dauzkan ur gezetan ere.
Frantzia sartu bai egin da Saheleko gerran, baina urteak pasa ahala islamistek egurrean darraite eta Mali ez da iritsi estatu normal izatera. | news |
argia-53794e52dd13 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/herrigintza.html | Zuberoan bizi eta lan egin, herria bizi dadin | Mikel Asurmendi | 2018-02-18 00:00:00 | Zuberoan bizi eta lan egin, herria bizi dadin
Zuberoako ekonomiaren gaineko argazkia duzu jarraian. Laborantza apaltzearekin batera, enplegua eta biztanleria galduz joan da urtez urte. Baina baikortasunerako arrazoiak eman dizkigute Ekonomia Ekimen Elkartuen Garapen Erakundeko (ODACE) Beñat Elkegaray presidenteak, Lakarriko Dorothée Nabarra laborariak eta Barkoxeko Herriko Etxearen langile Patrick Kanpo Queheille-k.
Zuberoak 815.5 km2 luze-zabalera dauka. Ordea, biztanleriaren kopurua mendratuz joan da azken mendeetan. 1900. urtean 25.000 jende inguru bizi zen. 2012ko erroldan 17.018. 2018an, berriz, 12.968 inguru. Azken kopurua ODACEko Beñat Elkegaray presidenteak zehaztu digu.
Zuberoko ekonomiaren oinarri nagusia laborantza izan zen antzina. Alta, XX. mendean, espartinen fabrikazioak berezko jitea eman zion lurraldeari. 1.200 langile izan ziren: "Alabaina, gaur egun espartingintzako bost enpresa dira, 80-100 langile orotara. Ontsa ari dira, bakoitzak espartin berezi bat lantzen baitu", diosku Elkegarayk.
1987-88 urteetan krisia iritsi zen sektorera. Azken 30 urteetan industria mota berria sortuz joan da. Aeronautikarako enpresak dira nagusiki, eta metalurgian; kautxua eta plastikoa lantzen dituzten enpresak ere badaude. Kabalak transformatzen dituzten lantegiak ugaritu dira: behikia, txerrikia eta hegazti hazkuntzakoak. Axuria kooperatiba da nagusia. Ekoizle partikularrak are eta gehiago dira urtez urte.
Laborantzak baina, beheranzko joera hartu zuen mendialdea husten hasi zenetik: "Eta zaila dugu hori geldiaraztea. Mendiko desertifikazioa eman da azken 30 urteetan. Demografia arazoa da Zuberoan. Bada lotsa edo beldur gisako bat. Beste belaunaldi batek segituko al du laborantzan?". Horixe galdera.
Jende kopuru nagusia Maule-Lextarre hiriburuan bizi da. 3.300 inguru; 1911n 4.700 ziren. Hiriburuaz gain, Sohüta (1.100 biztanle), Barkoxe (750), Bildoze-Onizepea (700) eta Atharratze (590) herriak dira bizileku nagusiak. Kopuru horiek 2000. urtekoak dira, egungoak aise apalagoak dira hain ziur ere.
ODACE erakundea: 160 bazkide
ODACE da tokiko ekonomiaz arduratzen den erakundea. 160 bazkide ditu, enpresariak dira. Proiektu berrien inguruan ari da, enpresen mintegien bidez: "Mintegian formakuntza berezia eskaintzen dugu enpresa andana batendako. Gure ekimena soziala da, enpresari tipiak gara, ez dago lobby -rik. Eta horretarako nahikaria behar da. Demagun, 5-10 enpresa sortzaile berri direla, bada elkarrekin aritzen gara. Lurralde osoaren sustapena dugu xede". Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera (CCI/MIG) ere elkarte honen partaidea da.
ODACEk 20. urteurrena ospatu zuen iaz. Enpresaburu anitz bildu zen, horietako asko kanpotik etorrita. Etorkizuneko hainbat gairi buruz jardun zuten, automatizazioa horien artean: "Galderak jalgitzen dira, noski. Automatizazioan aritzea lan galtzea da? Xantza al da? Lan sortzea al da? Eztabaida sortu zen. Komunikazioaz ere mintzatzeko estakurua izan genuen...".
Zuberoako ekonomia Baionako MIGi lotua izan da, baina Biarnoko Oloroe-Donamaria herria eta Paue hiriburuarekin batera ere garatu izan da. Zuberotarren etorkizuna bermatzeko egungo lurraldearen ezaugarri berriak aintzat hartu behar dira, industria eta administrazioa ongi uztartu beharra dago: "Konparazionerako, administrazioan ari diren hainbat langile zuberotarrak dira, gehienak Paue, Oloroe edota Baionan ari dira. Zuberotarren kopuru handi bat beti aritu izan da kanpoan lanean. Juxtu lo egiteko edo asteburuan itzultzen dira. Horrek ere desertifikazio gisako bat eragin du. Beraz, ekonomia sustatzeko administrazioan ari diren langileen inguruan proposamen berriak egin nahi dizkiogu administrazioari berari".
Zuberotarrek "kanpoko zentralizazioa" pairatu dute betidanik. Elkegarayk dioenez, dinamika berriak sustatuz gero, langile zenbait Zuberoan bertan ari litezke, industriagune inguruetan nahiz landa eremuetan. Esaterako, telelangileen eremua zabaltzen ari da, gero eta jende gehiago ari da etxetik lanean. Edonola ere, hona solaskidearen zehazpena: "Aldian-aldian juntatzea beharrezko da, halere. ODACEn lema hori atxiki nahi dugu. Adibidez, Maule, Sohüta, Atharratze eta Barkoxen lau langunetan elkarrekin aritzea xede dugu. Langune hauetan taldeak ari dira, bulego bat zabaldu dugu bi urtetarako, tokiak eta tresnak partekatzen ditugu denon artean".
Sohütako Lizeoaren garrantzia
Landa eremuan dago Sohüta, eta bertan Zuberoako Lizeoa: "Sohütako Lizeoa estrategikoa da. Lizeoa lau langunetarako ikur gisako bat bilakatu behar da. Maleruski, orain gutxi arte guk ez dugu aski ezagutu lizeoa, eta lizeoak ez ditu aski ezagutzen Zuberoako enpresak".
Lizeoa garrantzitsua da ekonomian eragiteko. Baxoa (Batxilergoa) egin ondoren, Goi Teknikari Titulua (BTS) erdiesten da bi urtetan: "Ni ikasle izan nintzen eta Lizeoak gauza interesgarri asko ekar dezakeela badakit. Alta, egun 17 ikasle baino ez dira arlo horretan, eta gure denboran 30 ikasle ginen. BTS tituluen kopurua apaltzen ari da".
Sohütako Lizeoa publikoa da, Hazparneko Lizeoa pribatua, Miarritzeko ESTIA eskola ( Ecole Supérieure des Technologies Industrielles Avancées ) pribatua. Donapaleuko Indar eta Hazparneko Aldaturen –enpresen sostengurako zentroak– artean sare bat munta liteke: "Gure xedea Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko ikastetxeen eta enpresen artean sarea uztartzea da, berrikuntza handia litzateke".
Harremanak indartu nahi dituzte Euskal Herriko Ipar eta Hegoaldean, bertako enpresa handiak sarean sartuz: "Elkarte bat muntatzea ontsa liteke, irakasle eta ikasleekin batera, elkarte misto bat, ez profesionala".
Komunikazioa inportantea da, baina lehenik ekintzak behar direla diosku Elkegarayk. Zuberoako nekazaritza ez da, esaterako, Baxenabarrekoaren heinekoa. Nekazaritzako elikagaien industria indartsuago da Nafarroa Beherean. Horregatik, tokiko industria eta laborantza elkarri begira garatu beharra ikusten dute. Aeronautikari edo metalurgiari kasu eginez, baina laborarientzako tresneria ere ekoitziz, kanpotik ekarri gabe. Hots, hemengoa hemengoentzako eginez. Alabaina, globalizazioa tarteko, konkurrentzia handia dago, kanpotik heldu den multinazionalek hartu dezakete eremua: "Baina kezka hori denean dago. Horri buru egiteko tokiko industriak, laborantzak eta zerbitzu sektoreak elkarrekin ari behar dute. Kanpoko produktuak hurbil dira, eta gu ere urrunera joan gaitezke. Gakoa da produktu onak egitea. Adibidez, hemengo enpresa batek asmatu duen ahate kaiola anitz saldu da kanpoan, gehienak, gutxiago Euskal Herrian".
Deszentralizazioa edo zentralizazioa
Euskal Herria Frantziaren zentralizazioaren menpe izan da historikoki. Zuberoa berriz, Ipar Euskal Herriaren menpe antzeman du zenbaitek. Zer da deszentralizazioa, ordea? Zer da delegazioa edo ordezkaritza? ODACEko bilkuretan galderak eta dinamika berriak sortzen ari omen dira. Ekonomia politikarekin batera garatzen da. Zuberoak bere Herri Elkargoa ukan du eta Euskal Hirigune Elkargora pasa da orain: "Horren kontzientzia ukan behar dugu enpresan nahiz administrazioan ari garen guztiok. Guk Euskal Elkargoa behar dugu, baina Elkargoak ere gure beharra dauka".
Euskal Elkargoa estatuarekiko deszentralizatzeko bitartekoa da. Datozen urtetan ebatziko da instituzio berriaren nortasuna eta heina: "Baiki, eztabaida areagotu behar dugu ondoko hilabetetan, baina, kasu. Hemen ere Frantzia tipi bat behar dugu eraiki? Ipar Euskal Herri zentralizatua? Hala beste modelo bat?
Euskal Elkargoa xantza da, berezko eskumenak izanen ditu, baina kasu antolatzean, ez dadin beste zentralizazio gisako bat izan. Ez bakarrik industria arloan, beste arloetan ere bai. Historikoki beti izan dira probintziak, gu Zuberoa gara. Beraz, azter dezagun ontsa elkarren arteko harremana eta errespetatua izan dadin gure nortasuna. Konfiantza behar dugu Euskal Elkargoan, baina betiere guk kontrola atxikiz".
Mendialdeko desertifikazioa
Dorothée Nabarra Lakarri herriko laborariak gurasoen etxaldearen segida hartu zuen 1990. urtean, Apezetxea baserria. ELB sindikatuko (Euskal Laborarien Batasuna) kidea da, lurralde honetako ordezkaria. Etxaldeak 38 hektarea lur dauka, horietako 14 traktorez lantzeko modukoa. Bere gurasoek ardiak eta behiak hazi zituzten: "Ene senar ohiarekin abiatu nintzen laborantzan, bera ez zen laboraria. Bera ardiekin aritu zen, eta ni behiekin. Bereizi ondoren, behiak baino ez ditut hazi. Orain 25 urtetik behiak ditut baserrian, eta azken 17 urte honetan, mozkina –behikia– zuzenka ari naiz saltzen".
Lakarrin 120 bizilagun dira. Herria hustuz joan da azken 50 urteetan. Laborari honek 25 etxalde ezagutu zituen haurtzaroan, egun sei laborari baino ez dira ari: "Oro har, inguruko herrietan hori gertatu da, baina Lakarrin aboro. Bertze herriak baino hamar urte lehenago hasi zen husten. Laborari gazteak joan dira kanpora. Ez dago segidarik".
Zuberoako Nekazaritzako Lizeoan eskolatu zen. Ondoren, Amikuzeko Etxarrin BTS erdietsi zuen. Hasiera ez da erraza: "Estatuak sosa ematen dizu, baina horretarako hamar urte engaiatu behar duzu. Ni hastapenean lotsatu naiz, beldurtu". Biharko Lurren Elkartean (BLE) sartu zen, baita nekazaritza biologikoaren (BIO) bidean abiatu ere.
40 behi ditu orotara. Hamabi bat txahal eta bost bat behi saltzen ditu urtero. Etxaldea bere gain hartu zuenean, haragia transformatu eta kontsumitzaileari zuzenka saldu behar ziola ohartu zen, "bestenaz ezin nuen aitzina egin".
Hiru tona inguru ekoizten du urtean. Mauleko hiltegiarekin ari da lanean, Abattoirs du Pays de Soule deritzanean. Lakarriko Marie-Claire Leurgorry Iragoinegaraia etxaldekoarekin batera: "Auzo gara. Biok hasi ginen hiltegian, arazo sanitarioak ez ukaiteko. Zuzendariaren sostengua ukan genuen, talde bat osatzen lagundu zigun. Kabalak hil eta mozkinak hutsean ontziratzen dituzte. Haiek atontzen eta nahi bezain luzaz atxikitzen dituzte hozkailuan. BIO egitea bermatzen digute".
Hiltegitik bertatik merkaturatzen dute mozkina, bezeroari zuzen eramanez: "Jendeei erraten diet, badut behikia edo txahal bat prest hamabost egun inguruan, nahi duzue?". Paue, Orthez, Baiona eta euskal kostaldean ditu bezeroak, baita Parisen ere: "Erosleak denetarik hartu behar ditu, 5 edo 10 kiloko haragi sorta: xerra, haragi xehatua edo zatikiak. Haiek eskatu eta nik eguna ematen diet paketeak eramateko, ontsa saltzen dut". Banaketa sei laborariren artean egiten dute, kamioi bat partekatzen dute.
Mozkinaren kalitateak berme eman die laborari hauei aitzina egiteko. Nabarrak Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen (IDOKI) hautua egin zuen. 250 jende biltzen ditu elkarteak: "IDOKIn sartu naiz, elkarte horrek laborantzan aritzeko manerarekin ados bainaiz. Kolektiboki aritu behar dugu, etxalde batean momentu gogorrak bizi ditugu, eta kolektiboan ariz gauzak beste gisa batez ikusten ditugu. Halaber, laborantzan ari nahi badugu, ez dugu ingurumena zikindu behar. Zuberoan eta Euskal Herrian oro har, kontsumitzaileak argi ukan behar du hori".
Bizimoldea eta konbikzioak balio zaizkio Nabarrari, horiek behar ditu uros bizitzeko. Bere seme-alabek Euskal Herrian bizitzea dute xede eta arrangura. Hemen sortu direnez gero, parada ukan nahi dute bertan bizitzeko: "Zuberoan ez baita lanerako segidarik izan, eta Bortu aldean guttiago".
"Gure aita-amek erraten ziguten hemen plantatzeko, baina lurrari atxikimendua galduz joan da". Haiez gero, ekonomiaren globalizazioak zaildu du baserrian segida izatea. Horrek hala ere, kontzientzia biziagotu die berari eta sendiari: "Politikoki ELBn hartu nuen euskaldun izatearen kontzientzia. Ene sentimenduetan Euskal Herrian bizitzea ukan dut betidanik, alta, ELBko kide eta oraingo bikote abertzaleak areago argitu zidan hori. Euskaraz mintzatzea eta lurrari lotua bizitzea abertzale izateko manera bat da".
Herria bizi dadin, bertan bizi behar
1800. urtean 2.290 jende bizi zen Barkoxen. 1591n 1900; 2013an, berriz, 673 bizilagun. Populazioa heren bat mendratu da bi mendetan. Bertan sortu zen Pierre Topet Etxahun ezaguna, euskal idazlea, musikaria eta pastoralgilea. Ogibidez laboraria eta artzaina.
Patrick Kanpo Queheille barkoxtarra da, 1964n sortua. Kanpo etxeak eman dio goitizena. Herriko Semeak pastoralaren egilea da, 1998an jokatua Barkoxen. Xahakoa pastorala ere berak idatzia da, 2010ean antzeztua. Dantzari izana da eta dantza irakaslea egun.
Maulen aritu zen lanean gaztetan, industria alorrean. Barkoxeko Herriko Etxeko langilea da azken 23 urteetan, bideetako horniketen arduraduna: "Ontsa da herritik joatea, kanpoan zer den ikustea, eta ohartzea zer xantza dugun herri txikietan bizita", erran digu Kanpo -k.
"Barkoxen 650 bizizale gara. Gure arrangura handiena jendearen galtzea da. Azken bost urteotan 84 bizizale galdu dugu. Seinale makurra da hori, Zuberoan populazioa apaltzen ari da, Barkoxen bereziki. Ekonomia bizizaleek sustatzen dute, jendeek atxikitzen dute tokiko ekonomia hemen bizi badira, bestenaz, nola?".
Barkoxen 50 etxalde ari dira laborantzan: "Ardi esnea ekoizten dute nagusiki, gero eta laborari gehiagok esnea gasnatzen dute eta zuzenka saltzen". Baina, herria bizi dadin, jendeak herrian bizi behar du: "Posible da. Bistan da. Hartakoz, bizizaleen arteko harremana behar da sustatu".
Alta bada, Barkoxe bizirik dago. Populazioaren erdia industrian, zerbitzuetan eta administrazioan ari da. Herri batek behar dituen komertzioak, saltegiak, posta-etxea, medikua eta farmazia ditu, baita zahar etxea ere: "Denetarik dago eta denetarik behar da".
Barkoxtarrak ODACErekin elkarlanean aritu dira iragan urtean: "Baiki. Ekonomiari arralotzeko, gure gazteak herrian atxikitzeko moldea kausitzeko edo joan direnak arrajinarazteko. Zuberoako bertze herrietako languneak partekatzeko xedetan ari gara. Jende eli bat ari da eta langune berria sortu liteke internetez, telelanaren bidez".
Zuberoako biztanle kopuru handiena Maulen kontzentratzen da, industria eta zerbitzugune inportanteak hiriburuan daude. Zuberotarrak beste herriguneak indartzen saiatzen ari dira Atharratze, Sohüta eta Barkoxen. Berriki, kari horretara inkesta bat egin dute familia guztien artean. Eztabaida sortu da, jende anitzek parte hartu dute sei hilabetez egindako bilkuretan: "Inkestaren funtsa da ea asmatzen ahal den, gazteak hemen egon daitezen. Gazteek nahi dute hemen egon, baina lana herrian ez dago, ez herri ondoan ere. Alabaina, ekimenak gogoarazteko enbeia piztu du gazte eta adinekoen artean, arrapostu baikorrak biltzen ari gara". Urte berria hastearekin batera bilana egiten ari dira eta herritar guztiei aurkeztuko diete aurki.
Haur eta nerabeek hamaika urtera arte herrian egiten dituzte ikasketak, eskola publikoan. Gero Maulera doaz, bigarren hezkuntza egitera. Lizeoa berriz, Maulen edo urrutiago dute. Eskola publikoan, Ikas-bi sistema elebiduna lantzen da, euskara atxikitzeko doi-doia.
Euskara galtzeak Pastoralaren eta Maskaraden segidan trabak ekarri ditu, euskaraz egitea geroz eta zailagoa baita. Euskararen egoera horrela ikusten du solaskideak:"Egun euskara erdiz erdi dago. Euskararen transmisioa apaldu da. Eskola publikoa ari da husten. Ondoko herri txikietan –Arrokiaga eta Eskiula– eskolak desagertzen doaz, horregatik behar dugu eskola atxiki herri guztien artean. Aldi berean, hemen ikastola bakarra Sohütan dago, badira seme-alabak ikastoletan ematen dituzten gurasoak, gero eta jende gehiago lotzen ari zaio euskarari, bada kontzientzia hartze bat".
Errugbia Kirol Elkartea eta Etxahun Kultur Elkartea bilgune biziki inportanteak dira Barkoxen. Hauetan dinamika baikorra dago, baina hori ere ez da aski Kanpo-ren aburuz: "Hartakoz, pentsatu dugu are baliabide gehiago behar dugula bilatu. Adibidez, etxalde anitz ari dira husten, lurrak landu gabe geratzen dira. Desertifikazio gisako bat da. Etxalde horiek baliatzeko manera aztertzen ari gara, etxerik ez duten baina hemen bizitzeko enbeia dutenentzat aterabide bat xerkatzen ari gara".
Orain hamar bat urte ingelesak hona etortzen hasi omen ziren, eta tokiko etxaldeak erosteko asmoa azaldu zuen hainbatek: "Beldurra bizitu genuen, baina krisia zela-eta ideia baztertu zuten nonbait, ez dugu nehor haboro ikusi. Hainbat hobe. Alabaina ikusi behar da hustu diren etxaldeetan zer egin ahal den, nola biziarazi. Zuberoan edo kanpoan bizi den jendeari proposatu behar zaio hona jiteko, edo arrajiteko".
Turismoak laguntzen du herriko ekonomian? "Ez. Barkoxen ez hainbeste. Zuberoa bisitatzera heldu direnak Maulera jiten dira, Atharratzera eta Santa Grazira, edo Kakueta arroila ikustera. Jende eli bat jiten da herriko Xilo ostatura, ospetsua da ahateki goxoa ematen baitute. Horrek amiñi bat laguntzen du zerbitzuen eremuko tokiko jendea".
Euskal Elkargoa ukan dugu hizpide. Hainbat zuberotar kostaldea nagusituko den beldur izan da historikoki: "Zuberoako Elkargoko Dominique Bosch presidenteak zioenez, 'hobe da aberats batekin ezkondu ez eta pobre batekin'. Horretaz ziur naiz, guk badugu haien beharra, baina haiek ere gurea. Lurraldea osatu behar dugu, laborantza atxiki eta industria indartu. Gisa horretara ez da nagusituko turismoa, ezta kostaldeko populazioa ere".
Euskaldunok elkarrekin aritu behar dugu bere ustez, bitartekoak sortu: "Zenbaitek aginduak Paristik eta Bordeletik heldu direla diote, baina urratsak behetik ematen badira, gero eta jende gehiago engaiatzen da politikan. Kontua ez da soilik sosa nondik heldu den, engaiatzen direnak herritarrak izatea baizik".
Patrick Kanpo Queheillek biziki ontsa ezagutzen ditu gazteak, herriko dantza taldeko irakaslea baita: "Gazteengan sentitzen da gogo azkar bat herrian bizitzeko, beren lurraldea aitzina eramateko. Garai batean, gazteak Bordelera edo Parisera joaten ziren, hemen ez ziren gauzak baitziren han. Egun aurrerakuntzak gauza horiek guztiak ekarri ditu mendialdera. Itsasoa ere hurbil dugu...", diosku Kanpo-k.
Horrela jarraitu du: "Gazteei sentiarazi eta erakutsi behar diegu posible dela hemen bizitzea, hemendik kanpo bezain ontsa edo hobekiago. Eta aldi berean erran behar zaie ere kanpora ateratzeko eta bizitzeko aldi batez, kanpoan dutena ere hemen badela edo izanen dela ohartuko baitira. Ziur arrajinen direla eta ekarpen bat eginen diotela lurraldeari. Horrek mugiaraziko du ekonomia".
Zuberotarrak beren lurraldean biziko dira ere geroan. Joan-jinean, lurraldea bizirik atxikiko dute.
[IRITZIA] Ekonomiaren esperantzak
Michel Etxebest (Artzainak enpresaren burua eta Mauleko auzapeza)
Urteetan esaten zen Zuberoako ekonomia, ber indarreko hiru zangotan bermatzen zela: zerbitzuak, industria eta laborantza edo nekazaritza. Ekonomia horren lehen oztopoa, eta ez txarrena, da hiri handietatik urruntasuna. Baiona eta Paue, zein diren merkataritza administrazio eta ekonomia zentroak, dira biak ordu bat eta laurdeneko bidean. Honek esaten du ezin dela hiri horietan lan egin eta Zuberoan bizi. Bigarren oztopoa da mendigune izatea. Hau turismorako ez da hain txarra, baina laborantzarako bai segur. Eta nolaz aldapek lana gogortzen duten, laborari seme edo alabek ez dute segida hartu nahi eta laborantza anitz itzaltzen dira damurik. Hau kezkagarri da laborantzarako eta bere tresna amankomunerako, baina ere Zuberoako demografiarendako. Zerbitzuen kasua ez da batere txarra Zuberoan, eta Zuberotarrek zerbitzu guziak badituzte beren herrian, izan dadin osagarrigintzan edo aisialdietan.
Aurreko horiek guztiek ematen dute Zuberoako industriaren erronkak edo desafioak: herrian lana sortu, herrian bizi dadin jendea, eta indar bat gehiago azken urte hauetan laborantzan galtzen diren lan postuen ordezkatzeko. Egia erran, ez da batere gaizki ari bide horretan Zuberoako Industria. 40 bat lantegiek, denak tokiko jabeekin bat aparte, 1. 000 bat lan postu industrialak biziarazten dituzte (gogoratuz 13.000 biztanle dituela Zuberoako ibarrak).
Industria honen merkatuak dira Espartina, 100 bat lanpostuekin, Mekanizadoak (200 lanpostu), Plastikoak (150), Agroalimentarioa (200), Metalezko estrukturak (120), Estudio bulegoak (50), Tratamendu industrialak (200) eta abar. Lantegi guzti horiek inbertsio handiak egiten dituzte, eta urtero ikusten da eraikuntza berri eta inbertsio asko produktu propioetan, esan nahi da ikerketa lana ere egiten dela. Benetan interesgarri eta pozgarri da hau!
Euskal Hirigune Elkargoaren bidez lan egiten da bi norabideetan: lehena, laborantza desafioaren gainditzeko laborantza eskumena bereganatu du Euskal Elkargoak, eta beste bidea "Teknopolo" gisako gune bat sortzea asmatzen ari da barnealdean, zeinek biharko lanpostuak eta garapena ekarriko dituen.
Zuberoa ttipia da, industria iraunkor batekin, eta amankomunitate handi horretan sartu eta, familia handi horren haur ttipiena bezala, esperantzak ditu bere asmakizunak eta asmoak gauzatzeko indarra izango dela. | news |
argia-eb23ec2f15b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/euskaraz-jakitea-ez-dute-eskatuko-eaeko-340-lanpostu-publikoren-eskaintza-berrian.html | Euskaraz jakitea ez dute eskatuko EAEko 340 lanpostu publikoren eskaintza berrian | Miren Osa Galdona | 2018-02-08 00:00:00 | Euskaraz jakitea ez dute eskatuko EAEko 340 lanpostu publikoren eskaintza berrian
PPren Gobernuak Lan Eskaintza Publiko berriaren deialdia zabaldu du. EAEn 340 plaza esleituko dira administrazioan lan egiteko. Euskara ez da aintzat hartuko, ez behintzat eskakizun gisa. Javier de Andres Espainiako EAEko ordezkariak garbi utzi du neurri horren zergatia: "Madrildik iritsitako lan eskaintza denez, ez ditugu autonomia erkidegoetako hizkuntzak eskatu; ez da beharrezkoa". Modu honetan postua lortzeko aukerak "errazagoak" direla nabarmendu du. "Herritarrek aukera gehiago dituzte".
Euskara albo batera utzi izanak hautsak harrotu ditu. Garbiñe Petriati Behatokiko Hizkuntz Eskubideen kideak salatu du "tokian tokiko hiztunei iseka" egiten diela neurri horrek eta Euroitunari begira "iruzurra" dela.
Tokiko hizkuntzetako hiztunei iseka eta Euroitunari iruzur. #Nagusitasuna pic.twitter.com/0EvM5unQaa
— gpetriati (@gpetriati) February 7, 2018 | news |
argia-bb16fb202267 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/lidar-dena-ikusten-duen-arkeologoa.html | LIDAR, dena ikusten duen arkeologoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-02-18 00:00:00 | LIDAR, dena ikusten duen arkeologoa
LIDAR teknologia (Laser Imaging Detection and Ranging) laser bidez objektuak antzemateko eta neurtzeko sistema da. Arkeologian oso baliagarria da bereziki landarediak estaltzen dituen eremuak aztertzeko.
ala, Guatemalako oihana arakatzen hasi dira gailuarekin eta emaitzak harrigarriak izan dira: Tikal aztarnategi maian beste piramide bat aurkitu dute, Kunal zentro zeremoniala deskubritu dute, El Palmar hiria uste baino 40 aldiz handiagoa dela ondorioztatu dute... 2.100 km2 aztertu dituzte orain arte, beste 20.000 geratzen zaizkie, baina dagoeneko maien historia aldatu du LIDARek. Zibilizazioak 1 edo 2 milioi biztanle zituela uste zen, baina datu berrien ondorioz, 20 milioi inguru zirela diote orain adituek. | news |
argia-218a8d3c5382 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/posearen-atzean.html | Posearen atzean | Iker Barandiaran | 2018-02-18 00:00:00 | Posearen atzean
Bibotea, osabaren armairutik berreskuratutako arropak, koreografia bitxiak, agertokian ikusleei bizkarra ematea, instrumenturik eta odol gabeko bideoklipa, diskoaren izenburua alemanez, arty kutsu handia... Zer da hau? Zahartzen ari naiz edo gazteriak bestelako oinarriak, erabat desberdinak, ditu? Biak! Bai, pose handiko garaiak bizi ditugu, tontakeria ere barra-barra batzuetan, baina badira horren guztiaren atzean gailentzen diren taldeak. Halakoa iruditu zait Vulk talde bilbotarra.
Taldekideek batez beste, 26 urte dituzte; dagoeneko hiruzpalau urte daramatzate proiektu honekin eta beraien gaztetasunari trufa eginez musika ezagutza handia erakusten dute. Lehen kolpean post-punk edo after-punk lerroburuan kokatu ahal dituzu, Joy Division ikur, baina azal azpian geruza gehiago agertzen dira eta emaitza oso-oso aberatsa da.
Beat Kamerlanden laukotearen lehen lan luzea da. Azala, kontrazala eta diskoaren galleta artista desberdinek eginak dira, jakina. Gainera, 80ko hamarkadako usadio bat gurera ekarriz, diskoak posterra dakar! Unique position hipnotikoa da tarteka, iluna eta pausatua. Andonik ingelesez abesterakoan duen dikzioa sinesgarria da eta kantuak magnetismoa dauka; sasi-elektronikarekin jostari ia espiralean doa. Something internal hit! nabarmena da: erlojuaren pareko erritmo zehatza, riff minimalista baina sarkorra, teklatu anbientalak eta melodia borobil bat, akaberan distortsionatuago, espazialago eta noise-ago bilakatu arte. A comtemporary statement -ek erritmo aldaketa handiak ditu eta The Fall, Fugazi eta The Ex-en arteko biderketa dirudi. Zaldia burning beste klasiko bat da: instrumentalki oso aberatsa eta indartsua; Pixies presente badute ere, New Order-ek agintzen du.
B aldea From found to stage pilula instrumental laburrak irekitzen du. Horri jarraitzen dio Sure drop post-hardcore zapalgailuak, hazten, hazten eta garatzen doana Sheelac eta Hammerhead ezagutu arte, eta ondoren psikodelia eta sasi-elektronikaren gauan galtzen dena. Hugo hall noise pop distiratsua da, itsaskorra eta dantzagarria. Brazil -ek ezinbestez mugiarazten zaituen erritmo eroa du eta harrapatzen zaituen melodia iluna baina kutsakorra. Disko ixteko ardura Slow attack on canvas , azidotan blaitutako Pixies. | news |
argia-3ed7ffbb78e2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/san-kristobal-gotorlekuko-emakume-solidarioak.html | Harresien ertzean lurperatutako ahotsak | Urko Apaolaza Avila | 2018-02-18 00:00:00 | Harresien ertzean lurperatutako ahotsak
Ezkaba mendian inprobisatutako kartzelaren barruan gertatutako tragediaz bagenekien zerbait, ez hainbeste murru horietatik at emakume taldeek eraman zuten borrokaz. Amaia Kowasch ikerlari iruindarrak presoen biziraupenerako ezinbesteko izan ziren itzaleko sare horien protagonistei ahotsa eta aurpegia jarri die orain.
1938ko apirilaren 11n, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Lindatxikia kale estuko Catachú jatetxe-taberna ezagunean polizia militar frankista sartu zen ezustean sarekada bat egitera. Astelehen Santua izaki, ostatua jendez lepo zegoen bazkalostean, eta dozenaka lagun atxilotu zituzten, tartean hango nagusiak: Bibiana Rodriguez eta Isidoro Iturralde; haien seme-alaba batzuk ere eraman zituzten zezen plaza atzealdean komisaria gisa atondutako udal biltegi edo "txakurtegira".
Besteak beste, han ziren Rufina eta Maria Iturralde Rodriguez eta Emakume Abertzale Batzako beste kide batzuk ere. Horietako asko atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan ziren, San Kristobaleko preso errepublikarrei laguntza ematea leporatuta.
Catachún harrapatutakoak ez ziren bakarrak ordea. Gerra urte horietan hamaika emakume antolatu ziren taldetan, senide nahiz ezezagun, Ezkabako gotorlekura eta Iruñeko probintzia-presondegira janaria eta arropa eraman, bisitak egin eta edozelako laguntza eskaintzeko hango presoei. Amaia Kowasch Velasco gizarte langile eta sexologoak (Iruñea, 1990) Sareak Ehotzen liburua kaleratu du Nafarroako Gobernuaren eskutik, haien guztien historia bildu nahian: "Emakume horiek asistentzia lanak egin zituzten, baina nabarmendu behar dena da lan kolektibo bat izan zela, antolatua, eta 1936tik aurrera klandestinoa", azaldu digu.
San Kristobaleko beste botila huts horiek
San Kristobaleko gotorlekua 1934tik aurrera presondegi bilakatu zutenetik, zigorrerako eta mendekurako esperimentazio toki ilun izan zen. 1936ko udazkenetik aurrera 2.000 jende izan zuten pilatuta baldintza penagarritan. Ezaguna zaigu 1938ko maiatzean 798 preso ihes egiten saiatu zirelako: zientoka hil zituzten ehizakiak bailiran. Beste hainbeste hil ziren ziegetan gaixotasunak eta goseak jota. "Botilen hilerria" deiturikoa dugu horren lekuko, hango kapilauak kristalezko botila bana uzten zuen lurperatutako gorpuen ondoan, hildakoaren izena eta heriotzaren arrazoia barruan idatzita zituela.
Pixkanaka ari gara jakiten San Kristobaleko presoek jasandakoa, azken urteetako ikerketa historiko eta arkeologiari eskerrak. Baina ez da nahikoa gertatutakoa osorik jakiteko, ezkutuko beste botila huts asko baitaude lurpetik kanpo. Kowaschek ongi azaldu digun moduan, orain arteko ikerketak "androzentrikoak" izan dira, gizonen historian zentratu dira, eta San Kristobalen heriotzaren kontra egunero izaten zen borrokaldian emakumeek izandako parte-hartzeaz apenas idatzi da. Zergatik ordea?
Amaia Kowasch:
"Emakumeek gerra zibilean eta diktaduran jasandako errepresioa oso ezberdina izan zen eta isiltasuna eta beldurra nagusi dira oraindik"
"Emakumeek gerra zibilean eta diktaduran jasandako errepresioa oso ezberdina izan zen eta isiltasuna eta beldurra nagusi dira oraindik", dio ikerlariak. XX. mende hasierako emakumeen eskubideen aldeko lorpenak errotik ezabatu nahi izan zituen frankismoak, hauek bazterreko kontakizunean utziaz. Ideia horretatik aldentzen zirenak, gainera, gogor erreprimitzen zituen. Baina hala ere izan ziren lehen unetik erregimenari aurre egin ziotenak: "Testuinguru politiko horretan, batzuek ihes egin zuten baina beste batzuk geratu egin behar izan ziren. Azkeneko talde honetan, aukera erreal bakarra zen antolatzea eta demokratikoki erabakitakoa defendatzea, errepublika alegia".
San Kristobaleko emakume solidarioen historia 1934an hasten da. Urte hartako urriko iraultzaren ondorioz preso hartutako ezkertiarrak laguntzeko sareak sortu zituzten. Ideologiak bultzatuta, talde sozialistak, komunistak eta anarkistak igotzen ziren batik bat Ezkaba mendian gora presoak ikustera, Nazioarteko Laguntza Gorriaren babespean esaterako. Iruñeko eguneroko bizimoduan eragin nabarmena izan zuten halako elkartasun mugimenduek eta amnistiaren aldeko aldarrikapen politikoak ere egin zituzten.
1934: ehotzen asteko unea
Altxamendu faxistarekin baina, emakume haietako asko atxilotuak eta torturatuak izan ziren sare horietan egoteagatik. Basilisa Blázquez Funesen jaio zen, ezkerreko ideiak zituen eta, haren alaba Maria Luisak gogoan du nola ama eta beste emakume batzuk Iruñeko Casa del Pueblon elkartu eta zozketa bidez erabaki zuten San Kristobaleko zein presori lagundu; astean behin igotzen ziren tabakoa eta jakiekin bisitak egitera jotak kantatzen:
"...Y en el fuerte de San Cristobal
se nos vengó la reacción..."
Gerra hasi zenean sei urte besterik ez zituen Maria Luisa txikiari, ordea, beste irudi bat geratu zitzaion buruan iltzatuta: ama etxeko egongelan ilea moztuta, errizino-olioa edanarazia eta negarrez, ondoan bi errekete zituela. Basilisa urtebetez eduki zuten preso Iruñeko emakumeentzako kartzelan, bere espedientean jartzen duenez Nazioarteko Laguntza Gorriaren bidez iheslariak mugaz bestaldera pasatzeagatik. Ondoren deserriratu egin zuten eta azkenean Azagra herrian amaitu zuen familiak.
Emakumeak San Kristobal gotorlekuan 1935ean. (Arg: 'Sareak ehotzen')
Patu antzekoa izan zuten Guadalupe Ezkurrak, Josefina Guerendainek, Juana Astondoak eta beste askok: umiliazioa eta mendekua. Azkeneko honek Kowaschi kontatu zion Ezkabarako bidean beldurra pasatzen zutela eta janaria arropa tartean gordetzen zutela kartzelara sartzeko.
Sareak ehotzen liburua osatzeko, egileak bost urteko lana du bizkarrean, zenbaitetan zuzeneko testigantzak bildu ahal izan ditu –denera 70 emakumerekin izan da–, Juana Astondoak hil aurretik utzitakoa bezalakoa; beste batzuetan haien oinordekoek eman dute lekukotasuna: "Kasu askotan ez dute berririk izan haien amonak, izebak edo amak azken hatsa eman arte –dio ikerlariak–. Baina gertatutakoaren jakinaren gainean daudenek, batez ere emakume horien aitorpena bilatzen dute, oroimena bizirik mantendu eta egia berreskuratzea".
Emakume Abertzale Batza
1934ko iraultzako presoak 1936ko Fronte Popularraren garaipenaren osteko amnistiarekin irten ziren kalera, baina hilabete gutxira, Emilio Mola altxamenduaren konspiratzaile nagusiak nafar hiriburutik emandako kolpearen ondorioz berriro bete ziren Ezkaban zulatutako ziega umelak.
Gerra garaian Emakume Abertzale Batzak (EAB) hartu zuen protagonismoa presoak laguntzeko orduan, baina kasu honetan euskal batailoietako gudariekin zuten harremana soilik. Kowaschek horren zergatia zein izan daitekeen azaldu digu: "Ikerketa urte hauetan aurkitu dudana hori da, baina arrazoi konkretu batengatik: Petra Irigoien EABeko kide zena bizi delako 107 urterekin. Segur aski sozialisten, komunisten eta anarkisten artean ere egongo ziren halako sare asko".
Paradoxikoa da, erregimena mantentzeko sorturiko presondegietako sistemak, ordena soziala kolokan jartzen zuen Iruñean
Petra Irigoien eta bere hiru ahizpak iruindar familia abertzale bateko kideak ziren eta gerra urteetan makina bat preso eta senideri lagundu zioten. Haren bidez dakigu Emakume Abertzale Batzako askoz emakume gehiago inplikatu zirela sare horretan: Magdalena, Amalia eta Maria Camino Vigura, Nati eta Dolores Ziga, Felisa eta Maravillas Redin... Horietako asko, hain zuzen, 1938ko Catachúko operazioan atxilotu zituzten.
San Kristobaleko gotorlekuko arauak oso zurrunak ziren, presoak normalean isolatuta egoten ziren eta bisitak errenkan jarrita egindako "ahozko komunikazioak" ziren: astean 15 minutuko elkarrizketa laburra, funtzionarioa aurrean zutela. Ezin zuten hitz egin gai politiko eta sozialen inguruan, ezta kartzelako kondizioez ere. Gainera, bisitariek ahaide izan behar zuten; horregatik, Iruñeko emakume askok gezurra esan eta koinata itxurak egiten zituzten, horrek zigor gogorra ekar zezakeen arren.
Gerra lehertu eta berehala hasi ziren antolatzen emakumeak altxamenduaren epizentro izan zen Iruñea txikian –Mujeres Antifascistas erakundean, adibidez–. Nondik zetorkien ausardia heriotza zabaltzen ari zen munstroaren aurrean halako arriskuak hartzeko? "Gizonak ez ziren baliente bakarrak –iardetsi du ikerlariak–. Gerra guztietan daude ikusten ez diren gerra paraleloak, eta askotan gudu zelaian baino ausartagoak izan ohi dira horietan dabiltzanak, kasu honetan emakumeak".
Hori da hain justu Kowaschen lanaren muinetako bat, asistentzia hutsetik harago, erakustea emakumeek politikoki eta sozialki paper garrantzitsua jokatu zutela. Ikerlariaren ustez, San Kristobalen lagundu zutenek izandako rolaz gain, badira beste jokabide asko oraindik ezagutzen ez ditugunak, "esaterako, euren familiak aurrera atera behar izan zituztenenak edo Iruñeko emakumeen kartzelan egon zirenenak. Gaur egun ez dira ikertzen eta aitortzen halakoak".
Basilisa Blazquezen kartzelako espedientea. (Irudia: 'Sareak ehotzen')
II. Errepublikan San Kristobaleko presoak laguntzen aritzeagatik zigortu zuten 1936ko golpistek.
Azagratik Iruñera, 101 kilometro
Aparatu frankistak espetxe politika instituzio zigortzaile gisa diseinatu zuen boterera iritsi bezain laster, eta helburu hori lortzeko presoen urruntzea zen metodo efikazena, orain ere den moduan. Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak Sareak ehotzen liburuaren hitzaurrean gogorarazi du 23 urtez kartzelan egon zen Fernando Macarro Castillo Marcos Ana poetak dokumental batean esandakoa: presoen ahulunea beti izango dira etxekoak. "Preso batek kartzelan paseoan dabilela kezka itxura ageri duenean –dio Etxeberriak– maizenik bere familiarekin lotutako arazo batengatik da".
Kilometro askora dagoen presoaren ezintasun horrekin jokatzen du kartzelako sistema errepresiboak disidentea menperatzeko. Baina alderantziz ere gertatzen da, senideek sufrikario handia igaro behar izaten dute ezezaguna zaien urrutiko toki batean. Hala gertatu zen San Kristobalen presoak zituzten Espainiako Estatu osoko senideekin. 1934 eta 1945 artean gotorlekuan giltzapetutako 4.796 lagunetik apenas 130 ziren nafarrak; gehienak Bizkaia, Madril, Valladolid, Segovia edo Asturiastik eramanak ziren.
Aitzitik, presoen senideek ere euren artean sareak sortu zituzten jatekoa edo arropa bildu eta bi astean behin elkarrekin eramateko gotorlekuraino, autobusean, trenean edo oinez bidaia luzeak egin ostean; hala gertatu zen Segovian, Valladoliden edo... Azagran. Iruñetik 101 kilometrora dagoen Erriberako herri ezkertiar laiko hartako 30 preso inguru zeuden San Kristobalen. Haietako baten alabak, Pilar Martinezek, gogoratzen du hiriburuan bizi zen izeba batek Azagrako presoen arropak La Tudelana autobusean bidaltzen zituela eta hango emakumeek garbituta bueltatzen zituzten.
Beste emakume askok, ordea ez zuten modurik sorterrian geratzeko, ondasunak lapurtu zizkietelako edo lanik ez zietelako ematen. Iruñean gutxienez senidea ikusteko aukera izango zuten... Haietako asko hirian geratu ziren, baina jakina, ez ziren oharkabean pasatzen eta zailtasun handiak bizi izan zituzten. Nolanahi ere, iruindar anonimo askok lagundu zien, jakiak eman edo lana eskainiz.
Emakume askok koinata itxurak egiten zituzten presoak bisitatu ahal izateko, horrek zekarren arriskuarekin. (Arg: 'Sareak ehotzen')
Egunerokotasun horrek harreman estuak sortu zituen, kontrol soziala zalantzan jartzeraino. 1944an Nafarroako Diputazioko lehendakariordeak gutuna bidali zion Defentsa ministroari, presondegia itxi zezala eskatuz. Bere esanetan, presoak libre uzterakoan hirian geratzen ziren senideekin, "...produciendo un sedimento morboso, un núcleo posiblemente perturbador..." . Paradoxikoa da, erregimena mantentzeko sorturiko presondegietako sistemak, ordena soziala kolokan jartzen zuen.
Borroka anonimo baten ajeak
San Kristobaleko presoei lagundu zieten emakume solidarioen testigantzetan, etengabe aipatzen dituzte gerraurrean nabarmendu ziren militanteak. Ez soilik Clara Campoamor edo Victoria Kent bezalako politikari esanguratsuak, baita Euskal Herrian gertukoago ditugun Julia Alvarez diputatu nafar sozialista edo Julia Fernandez Iruñeko lehen ikastolaren eta Emakume Abertzale Batzaren sortzaileetakoa ere.
Amaia Kowaschen aburuz ahazturiko kontakizuna osatzeko orduan garrantzitsua da emakumeek erreferentzialtasuna lortzea: "Naiz eta ezagunak ziren, ez dute beharrezko protagonismoa izan historian".
40 urtez frankismoak inposaturiko familia ereduaren eremu pribatura bazterturik egoteak, ordea, oraindik badakar atze beldurrik: "Elkarrizketak egiterakoan sumatu dut beldur hori, eta batez ere ikusi dut liburua argitaratzerakoan: askok nahiago izan dute anonimotasunean geratu". Orain arte inork ez du haien lana aitortu eta ezagutzera eman, eta ondorioz, San Kristobaleko harresien ertzeko historia horiei garrantzia kendu eta isildu egin dituzte: "Pixkanaka, ikerketa askoren ostean uste hori aldatzen ari da eta emakumeak konturatzen ari dira euren parte-hartzea ezinbestekoa izan zela". | news |
argia-4cd63386b64b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/medikuntzaren-urrezko-aroa.html | Medikuntzaren urrezko aroa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-02-18 00:00:00 | Medikuntzaren urrezko aroa
Egipto, K.a. I. mendea. Aurpegiko azala garbitzeko Kleopatra erreginak urrezko maskara batekin lo egiten zuela esaten da. Garai bertsuan, Erroman, urrea zuten pomadak erabiltzen zituzten azaleko arazoak sendatzeko. Tso Hung (281-361) txinatar sendagileak uste zuen bizitzaren elixirra likidotan disolbatutako urrea zela.
Tso Hungen ideiari jarraiki, alkimiaren eskutik, Erdi Aroa izan zen urrearen urrezko aroa medikuntza tratamendutan. Al-Razi eta Avizena pertsiarrek, Gilbertus Anglicus eta Geoffrey Chaucer ingelesek, Bernard Gordon frantziarrak... denek errezetatu zieten urrea pazienteei (aberatsenei) gaitzak sendatzeko.
Konstantino Afrikarrak, XI. mendean zera idatzi zuen: "Urreak urdail akastunak sendatzeko, beldurtiak lasaitzeko, eta bihotzeko gaitzak arintzeko propietatea du. Baieztatuta dago eraginkorra dela melankoliaren eta burusoiltasunaren aurka ere".
Zauriak ixteko ere ezin hobea omen zen; Serapion Gazteak XII. edo XIII. mendean jaso zuenez: "Zauria urrez kauterizatzen dugunean, ez du babarik eragiten eta azkarrago eta hobeto sendatzen da". Begietako gaixotasunak, lepra eta orotariko izurriak sendatzen ahalegintzeko ere erabili zuten. Eta Kleopatraren jarraitzaileak ere bazeuden, urreak gaztetasunari eusten laguntzen zuela uste zutenak.
Aro Modernoaren hasieran urrea sendagai preziatua zen oraindik eta urreztatutako pilulak ekoizten ere hasi ziren. Baina XVIII. mendean eszeptizismoa zabaldu zen urrearen propietate sendagarrien inguruan. Eta, gainera, albo-efektuez jabetzen hasi ziren, urrea ez da erraz disolbatzen eta giza gorputzarentzat zaila da xurgatzen. Toxikoa izan daiteke eta kalteak eragin ditzake gibelean eta giltzurrunetan.
Likido batean disolbatutako urre nanopartikulei urre koloidala deritze. Xurgatzeko errazagoa denez, XIX. mendearen amaieran urre koloidalak bultzada eman zion berriro metal preziatuari sendagai gisa. Alkoholismoa eta obesitatea tratatzeko erabili zen nagusiki garai horretan. Asma, sifilisa, minbizia edo tuberkulosia urre koloidalez tratatzeko ahaleginak egin dira, baina, gaur, krisoterapia –hala esaten zaio urrearen erabilera terapeutikoari– nagusiki artritisa arintzeko erabiltzen da, modu oso mugatuan bada ere. Gainera, produktu kosmetikoetan ere erabiltzen da, bi milurte eta gero Kleopatrak influencer izaten jarraitzen duela erakutsiz. | news |
argia-40fded55d2b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/kosmopoliten-mikronazionalismoak.html | Kosmopoliten mikronazionalismoak | Edu Zelaieta Anta | 2018-02-18 00:00:00 | Kosmopoliten mikronazionalismoak
Madrilen bizi diren jendakien bisita izan zuen lehengoan Sofiak, aspaldiko partez. Lehen platera bukatu aurretik jadanik ari ziren Kataluniako egoeraren ziurgabetasunaz. Bigarren platerarekin batean, Kataluniatik Euskal Herrira egin zuten bazkaltiarrek. Klasiko bat. Postreek ekarri zioten berari esklusiban bere ikuspegia azaldu beharra. Kafeari lehen zurrupada kentzerako, barrena deseroso sentitzen hasia zen. Katilua pausatu eta ondoan egin zuen galdera, bisitarien diskurtso neutroa uxatu nahian: zergatik diozue neu naizela nazionalista?
Inork ez zuen erantzunik eman. Kafearen mingotsa atxiki zitzaion familia giroari. Isiltasuna etorri zen geroago. Harik eta izeba batek, ez trebetasun gutxirekin, ikusitako azken filma aipatu zuen arte. Zinematik literaturara egin zuten ondotik. Hala ailegatu ziren On Kixote -ren handitasunaz mintzatzera, batez ere Cervantesen lana irakurria ez zutenen aldetik. Klasiko bat.
Izan ere, halakoxeak dira kosmopoliten mikronazionalismoak: mikromatxismoen pare, oharkabean joaten dira, eguneroko harremanetan ezin erosoago etzaten diren arren. Beste batzuen gainean etzan ere. | news |
argia-ba36daa5cf47 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/eajk-faktura-pasa-dio-elari.html | EAJk faktura pasa dio ELAri | Juan Mari Arregi | 2018-02-18 00:00:00 | EAJk faktura pasa dio ELAri
Duela gutxi jakin dugu EAJren esku dagoen Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunak sindikatuei eskatu dizkiela grebak egiteagatik ordainketaren bat jaso duten langileen nortasuna, abonatutako kopuruak, eta hala bada, 2014, 2015, 2016 eta 2017 ekitaldietako erretentzio datuak.
Hau da, Bizkaiko Ogasunak erabaki du euskal sindikatuen erresistentzia kutxa ikertzea. Kutxa hori gehien erabili duena ELA izan da. Berak emandako datu ofizialen arabera, 2008 eta 2011 urteen artean 13,7 milioi euro ekarri zituen erresistentzia kutxara –bere gastuen %15,1– eta 2012 eta 2016 artean 19,1 milioi izan ziren –gastuen %16,24–.
Hain justu, eta kurioski, joan den urtean Bizkaiko zahar etxeetako 370 eguneko greba luzea gidatu zuenean erabili behar izan zuen gehien erresistentzia kutxa ELAk. Eta greba horretan, Bizkaiko Aldundia oso gogor inplikatu zen, sindikatuaren eta ordezkari politikoen arteko konfrontazio serioa eraginez; ELAk eta EAJk elkarren artean duten harreman mikatzaren erakusgarri da hori, Urkullu lehendakaria eta buruzagitza jeltzaletik hasita. ELAk ziurtatu du 38 urte daramatzala euskal ogasunek jarritako irizpideak betetzen eta azaldu duenez "inoiz ez da erresistentzia kutxako indemnizazioa lan errenta gisa hartu".
Argi dago Bizkaiko Ogasuneko zerga ekimen hori EAJk sindikatu abertzaleari pasa nahi dion faktura dela. Ez du "kontrabotererik" nahi, ezta inork bere inguruan itzal egiterik ere. Sindikatu otzanak nahi ditu. Hobe luke Ogasunak ohiko zerga-iruzurrean sakontzea, ongi baitaki non egiten den iruzurra eta ez zaio hain arrotz. Dagoen lekuan egonik ere pertsegitu beharko luke. | news |
argia-0d1ec608bd56 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/mejanako-azken-baratzezainak.html | Mejanako azken baratzezainak | Garazi Zabaleta | 2018-02-18 00:00:00 | Mejanako azken baratzezainak
"Tuterako baratze gune bereziena da Mejana, irla moduko lur zatia: duela hiru edo lau mende Ebro ibaiaren ibilbidea aldatu, eta sedimentazio-lur aberatsak gelditu ziren bertan". Patxi Uriz Domezain Los últimos de la Mejana dokumentalaren produktore eta zuzendariak eman dizkigu azalpenok. Santi Cordon Tuterako baratzezain eta sukaldariarekin sortu du proiektua.
Barazkien hirian ere, baratzezainen gainbehera
Cordonen proposamenetik abiatu zen dokumentalaren ideia. "Urtebete zen bere aita, Mejanako azken baratzezainetakoa, hil zela, eta azken ortuzain horien lana dokumentatzea gustatuko litzaiokeela esanez deitu zidan", dio zuzendariak. Nafarroako Gobernuko diru-laguntzetara aurkeztu zuten proiektua, eta lanari ekin zioten laguntza jaso bezain pronto.
1980an Tuteran 1.500 baratzezain bazeuden, egun 25 besterik ez dira. 30 urtetan gertatu den aldaketa erabatekoa da. "Egun ez dago naturaren zikloekin batera eta artisau eran lan egingo duen belaunaldien arteko erreleborik. Agroindustriak sekulako kaltea egin die baratzezain txikiei", dio Urizek. Dokumentalaren helburua gelditzen diren azken baratzezain horien lanari balioa ematea da, baita haien jakinduria guztia zabaltzea eta jendea egungo elikaduraren paradigmaren inguruan hausnarrera bultzatzea ere.
"Gauzarik lokalena internazionala da"
Tuteran ez ezik, dokumentalaren grabaketak Almerian eta Murtzian ere egingo dituzte: "Hemengo nekazari txikien laborantza moduen eta agroindustriarenaren arteko paralelismoa egitea da asmoa", dio zuzendariak. "Hego Amerikan kinoarekin edo sojarekin gertatu den bezalaxe, hemen barazkiekin ari da gertatzen. Egun Tuterako kukuluak Murtzian ekoizten dira, eta han inork ez du kukulurik kontsumitzen…". Egoera aldrebesaren beste adibide bat.
Japoniara bidaiatzeko aukera ari dira pentsatzen orain egileak. Masanobu Fukuokak permakulturaren inguruan utzitako ondarearen ingurukoak dokumentalean jasotzea litzateke ideia. Japoniara joan edo ez, ekainerako lana bukatuta edukitzea espero dute egileek, urri amaieran dokumentala aurkeztu ahal izateko. Bertan azalduko diren "Mejanako azkenak" benetan azkenak izan ez daitezen. | news |
argia-39f62be69b7a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/dau-garcia-dauder-aniztasuna-ikustarazten.html | "Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke" | Ander Perez | 2018-02-18 00:00:00 | "Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke"
"Gorputzen aniztasuna" da intersexualitatea García Dauderrentzat. "Lekzio bat", haren hitzetan, gizon eta emakume eskematik harago bestelako gorputzak daudela erakusteko. Hain zuzen, logika dualista horri aurre egiten dihardu, bai militantzia arloan, eta baita akademian ere. Txikitatik aniztasuna erakustea nahiko luke, gizartearen begirada dualistarekin bukatzeko.
Zeri deitzen diozu dualismoa?
Gizarteak sexuen naturalizazioa eraiki du. Berez bi sexu baino ez daudela esatea mito bat da, eta ez dator bat existitzen den aniztasunarekin.
Feminismoaren eraginez, geroz eta onartuagoa da generoa eraikia dela. Sexuaren kasuan, ordea, ontzat jotzen da naturala dela, eta bi besterik ez daudela.
Feminismoak, une jakin batean, bereizketa bat egin zuen, esanez batetik biologia dagoela, eta bestetik emakumearen eraikuntza soziala. Horren ondorioz, biologian bertan dagoen alderdi soziala ahaztu izan da. Ezin ditugu alderdi biologikoa eta soziala bereiztu. [Anne] Fausto-Sterling eta beste biologo feminista batzuen ikerketen ekarpen nagusia biologia dualismo hori baino askoz ere anitzagoa dela erakustea izan da, eta ez dagoela hain argi emakume biologikoa zertan oinarritu. Feminismoa, sarri, emakume guztientzako komunak ez diren ezaugarri biologikoetan oinarritu da.
Zein da biologiaren aniztasun hori?
Kromosomen aniztasuna, adibidez, ez da XX eta XY aukeretara mugatzen, askoz konbinazio genetiko gehiago daude, eta gainera, XX duen pertsona batek ez du zertan emakume sentitu, eta ezta gizon sentitu XY duenak ere. hormonekin antzera gertatzen da, eta berdin genitalekin ere: sarri ahazten zaigu zakila eta klitorisa egitura beretik datozela, eta beraz, gauza bera direla azken batean; testosterona kopuruen arabera egingo du alde batera edo bestera. Gauza zehatzetan ere ikus dezakegu, ilean, ahotsan, muskulaturan. Dena bi laukitara mugatzeko joera dugu, baina aniztasuna askoz zabalagoa da. Presio sexuala, ordea, oso indartsua da, eta azkenean, dualismo horretara moldatzen bukatzen du aniztasunak.
Ebakuntzak dira dualismo horretara moldatzeko moduetako bat, eta kuriosoa da, genero eraikuntza normaldu, eta gorputza delako genero horretara moldatzen dena.
Feminismoaren abiapuntuaren arabera, sexua naturala da, eta generoa da eraikitzen dena. Intersexualitate kasuetan, ordea, alderantziz izaten da. Hormonen eta zirugiaren bitartez, errazagoa da gorputzak aldatzea, arau dualistak aldatzea baino. Hala, gizarteak gorputz aniztasuna onartu dezan sustatu beharrean, pertsonek nahiago dituzte gorputz aldaketak, aldaketa sozial bat egon arte itxarotea baino –noski, egoerak ezinegona sortzen dielako–. Azkenean, gorputzak aldatzen dira, eta arau sozialak normaldu.
Genero identitatearekin lotu ohi dira genitalak. Ideia horren kontra aritzen zara zu.
Bai, hori baita gakoa, besteak beste, gurasoek uler dezaten neska bezala heziko duten ume bat inolako arazorik gabe garatu daitekela neska gisara, bere identitatea auzitan jarri gabe, zakil baten itxura duen klitorisa izanagatik. Eta gakoa da transexualitateak derrigor norbere genitalak errefusatzea dakarrela pentsatzeari utzi diezaiogun. Hau da, gerta daiteke pertsona batentzat bere genero identitatea eta jaiotzerakoan esleitu ziotena bat ez etortzea, baina ez sentitzea bere genitalenganako inongo arbuiorik. Izan ere, identitatea ez da genitalen araberakoa.
Askok, hain justu, transexualitatearekin lotzen dute intersexualitatea, baina ez dira gauza bera.
Transexualitatearena identitate kontua da: ni modu batera izendatu ninduten jaiotzerakoan, baina beste gauza bat sentitzen naiz. Intersexualitatean ados egon zaitezke jaiotzerakoan emandako identitatearekin, baina ustez identitate horri dagokion gorputzarekin bat ez datorren gorputza duzu.
Feminismoak emakume subjektuaren ahalduntzearen eta indartzearen alde egiten du. Intersexualitateak, ordea, dualismoa deseraiki nahiko luke. Bateragarriak dira?
Bi estrategia politiko dira, eta biei uko ez egitean datza gakoa, testuinguru bakoitzean erabakiz zein den komeni dena. Txikitatik landu behar dira biak. Askotan pentsatzen da: jarri ditzagun neskak eta mutilak elkarrekin kirol egiten, eta hala bukatuko dugu dualismoarekin. Baina gero ikusten dugu halakoetan neskak kikildu egiten direla, eta ez dutela parte hartzen. Beraz, ustez dualismoarekin amaitu behar zuen horrek kontrako efektua hartzen du. Gakoa bi estrategietako bati ere uko ez egitea da. Paradoxikoa izan liteke, baina ez dugu besterik.
Zein da dualismoarekin bukatzeko bidea?
Denoi eragiten digun kontua da, eta begirada dualista da kalte guztiak eragiten dituena. Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke. Nik aniztasunaren pedagogiaz hitz egin izan dut. Aniztasuna erakutsi behar dugu, bai hedabideetan, eta baita gizartean ere. Medikuntzak bezalaxe, zuzenbideak jakin beharko luke mediku batek jaiotzerakoan esleitzen duen sexua beti izango dela behin-behinekoa. Pertsonei lana erraztu beharko genieke, sexu edo izen aldaketa egiteko oztopoak izugarriak direlako. Eremu askotan ekitea da kontua. Eskoletan eragin behar da, eta txikitatik erakutsi dagoen aniztasuna. Egiturazko lana da. | news |
argia-64f5bf4ccbda | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/imanol-olabarria.html | "Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa" | Miel Anjel Elustondo | 2018-02-18 00:00:00 | "Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa"
Urtero da martxoak 3. Bost hildako Gasteizen eta ehunka zaurituak, balaz gehienak, 1976an. Hilabete batzuk lehenago etorria zen Gasteizera lanera Imanol Olabarria. 1975eko azarotik martxoaren 3ko txikizio hura bitartean hainbat fabrikatan egin ziren protesta, asanblea eta mobilizazioetan parte hartu zuen. Are, eragileetakoa izan zen.
Gasteizen zinen 1976ko hasieran.
Bai. Bilbotik etorri eta Michelinen sartzen saiatu nintzen. Akordatzen naiz, goizeko bostetan, fabrikako atean, testak egiteko zain, testak egiten eta zegokionari ematen. Fabrikakoak engainatzen saiatu behar nintzen, peoi hutsa nintzela adierazten. [Apaiz langile izana zen] Testa egin eta arduradunak etorri zitzaizkidan: "Halako galdera ez duzu erantzun", "Uste dut modu intuitiboan erantzutekoa zela". Esan orduko damutu nintzen. Peoiak ez du intuitibo hitza erabiltzen. Jakina, ez nien ziria sartu. "Peoi izateko ezgai", eskutitza jaso nuen. Albotik esan zidaten beste fabrika batean, Cablenor zuen izena, langileak behar zituztela, ez zutela askorik ordaintzen, baina inolako test edo kontrolik gabe hartzen zituztela. Hala ere, soldadutza egina izatea eskatzen zuten, baina ni apaiz izana nintzen eta ez nuen egin soldadutzarik. Orduan, 37ko kupokoa nintzela esan nien. Eta lanera.
Urtarrilaren hasieran hainbat greba izan ziren Gasteizen.
Ez ziren hutsetik sortu, ez ziren lau demagogoren kontua ere izan, ezta alderdi edo sindikatu baten ekimena ere. Jendea Martxoaren 3ari buruz galdezka hasten denean, erantzun zehatzak nahi izaten ditu, baina, askotan, orduko egoera soziala ahazten du, orduko borroka. Francoren altxamendua eta gero, diktadura ezarri ondoren, biltzea debekatu zuten: ez zegoen alderdirik –Falangea izan ezik–, ez zegoen sindikaturik –Bertikala besterik, erregimenarena–, ez zen biltzeko edo manifestazio eskubiderik ere. Bigarren Mundu Gerra ostean, jendeak espero zuen aliatuek Franco eraitsiko zutela, baina ez zen horrelakorik izan. Are okerrago, 1953an AEBak Francoren erregimenarekin harremanetan sartu ziren, eta ondoko urtean berdin egin zuen Vatikanoak. Eta 1955ean NBEk kide onartu zuten Espainia.
Iragan mendeko 60ko hamarkadan, zein zen egoera Gasteizen?
Enpresa asko etorri ziren garai hartan hona, bai Bizkaitik, bai Gipuzkoatik; Eibar, Elgoibar eta Oñatitik, adibidez. Era berean, Arabako herri txikietatik ere hainbat jende etorri zen Gasteizera lanera. Eta Espainiako Extremadura, Galizia eta Andaluziatik ere bai. Cablenorren, esaterako, Extremaduratik etorriak ziren gehienak. Garai hartan, astean sei egunetan egiten zen lan, zortzi ordu egunean, langileak ordu estrak ere sartzen zituen, eta hala ere, soldatak ez zuen ematen bizitzeko lain. Bateko gastu finkoak eta besteko kontsumo prezioen indizearen garestitzea, eroste ahalmen urria zuen langileak.
1975eko azaroan Gasteizko Cablenorren lanean hasi zinelarik, zer giro zen enpresan?
Laborari lanean ibilitakoak ziren nire lankideak, borroka kontzientziarik ez zutenak. Langileetako batzuek poliziak edo guardia zibilak zituzten senideen artean, eta normal hitz egiten zuten haietaz; hemengoek ez bezala, esan nahi dut, hemengoek bazuten-eta indar errepresiboen berri. Lankideek ez zuten patronalaren gaineko iritzi sendorik, ezta sindikatu edo prentsari buruz ere. Cablenorren giroa hori izan arren, Franco hil baino hamabost egun lehenago, zenbait lagun batzen hasi ginen Gasteizen. Biltzeko eskubiderik ez zenez, tabernaren batean juntatzen ginen, berbetan. Bilera haietan ez zen ika-mikarik falta, nork bere siglak erakutsi nahi izaten baitzituen.
Zein ziren zure siglak?
Nik ez nuen siglarik. Etxabarriko Bandaseko grebak [1966ko azaroan hasia, 163 egun iraun zuen] markatuta nengoen, non batzarrak agintzen baitzuen. Niri horixe iruditzen zitzaidan aberasgarriena. Batzarrean bertan erabakitzen zen dena. Esaterako, Cablenorren grebara irten ginen orduko, Forjas Alavesas, Mercedes eta Aranzabal ere greban zeuden. Azkenerako, hamabi enpresa izan ginen greban. Hainbat sektoretakoak ginen, baina aldi bertsuan irten ginen grebara. Horixe izan zen Gasteizko greben ezaugarria: orduko lege araudia hautsi genuen, sektore bakoitzari hilabete jakin bat baitzegokion lan-hitzarmena negoziatzea. Gasteizen, aldiz, batera irten ginen.
Lau egun egon zineten greban.
Goizean fabrikara joan eta hutsik zegoen pabilioi berrian sartzea adostu genuen. Ez genuen lanik egiten. Lau egun eta gero, enpresak fabrika itxi zuen. Gurea ez zen lehenengo kasua, ordea, beste fabrika batzuk ere egoera horretan ziren eta, bitartean, San Frantzisko eliza hartu zuten. Bide horixe hartu genuen gure enpresan ere, eta Judimendiko elizara sartu ginen, apaizen gogoaren kontra. Baina guk, geurea, errespetuz, baina geurea. Bilera irekiak egiten hasi ginen, Gasteizko jendeak ezer jakin nahi izanez gero iturri onetik jakin zezan. Poliziak bere sekretak bidaltzen zituela bagenekien, baina guk aurrera.
Argazkia: Zaldi Ero.
Greban zineten, fabrikak itxita, eta zuek Zaramagako eta Judimendiko elizetan itxialdian.
Eta Judimendiko elizan gurekin batera itxi ziren Apellaniz altzari fabrikako langileak ere. Greban zegoen enpresa bakoitzak batzarra egiten zuen egunero. Batzarrak asko laguntzen zigun denoi, beldurrez geunden-eta. Han informazioa trukatzen genuen, arazoak aztertzen genituen. Batzar bakoitza eskola bihurtu zen, 20 eta 65 urte bitarteko langileen eskola. Egunero zerbait aztertzen zen eta ondoren bozkatu. Asko laguntzen ziguten batzar haiek. Garai berean, manifestazioak egiten ere hasita geunden Gasteizen, horretarako eskubiderik ez bazen ere. Polizia manifestariei oldartzen hasi zen, langileak atxilotzen. Eta poliziak langile bat atxilotzen zuelarik, edo patronalak langileren bat kaleratzen zuenean, greban ginen enpresa guztiok batera erantzuten genuen. Izan ere, ostegun arratsaldeetan, greban ziren langile guztion batzarra egiten hasi ginen Zaramagako elizan, eta batzar hartan, greban ziren enpresa guztietako ordezkarien batzordeak parte hartzen zuten. Langileok fronte bateratu bat osatu genuen Gasteizen, aldarrikapen zerrenda bateratua. Patronalak diru errebindikazioak onartu zizkigunean, guk ezetz, kaleratutako langileak berriz hartu arte ezetz. Eta, ondoren, kaleratutakoak berriz hartu zituztenean, atxilotuak askatu arte ezetz. Enpresa bateko egoera konpontzen zenean, beste fabrika bateko korapiloa askatu behar zen. Askatasuna lehenetsi genuen edozein negoziazioren gainetik, langile guztiok batera. Gu batera ari ginen, patronala, aldiz, ez.
Horrela etorri zen 1976ko martxoaren 3ko greba.
Ostegunetan egiten zen batzar bateratuak hiru aldiz egin zuen greba orokorreko deia. Lehenak ez zuen oihartzunik izan; bigarrenak, handiagoa izan zuen; hirugarrena, martxoaren 3koa zen. Egun hartan, polizia goizetik hasi zen tiroka. Urbina herriko Ormaetxea zauritu zuten. Andoni Txasko ere gogor jo zuten goiz hartan, bere begi bakarrean. Bazkalondoan, San Frantzisko elizako batzar bateratua baino lehen, Judimendiko elizan batu ginen fabriketako ordezkariok, batzar bateratua prestatzeko asmotan. Gurea amaitu eta San Frantzisko elizara joan ginenean, poliziak tenplua inguratuta zeukala ikusi genuen. Harrika hasi ginen, baina alferrik. Gero, jakinekoa da, eliza barruko langileei eraso zieten, eta irten eran, tiroka eta kulata kolpeka ekin zion poliziak.
"Tiro egin, jendea akabatzera jo!", aditzen da poliziaren hitzetan.
Dakigunez, Forjas Alavesas enpresako gerentea, Agirre, Madrilera joan zen beste zenbait enpresabururekin batera. Lauzpabost ei ziren. Espainiako Gobernuko lehendakaritzako ministro Alfonso Osoriorekin batu ziren, eta handik hiru egunera, martxoaren 3koa gertatu zen. Gure interpretazioen arabera, bilera horretan aditu zuena aditu eta gero, Gobernuak tiro egiteko agindua eman zuen, langileak hiltzekoa, Gasteizen gertatutakoa ez zedin beste inon gertatu.
Imanol Olabarriari argazkiak Martxoaren 3ko oroitarriaren ondoan atera zizkion ARGIAk. Horretan ari zirela ikasle talde bat agertu zen eta orduko lekuko baten eskutik gertatutakoa ezagutzeko zortea izan zuten. Argazkia: Zaldi Ero.
Handik hiru egunera Madrilen zinduzkaten.
Hilak 8 zituela, Jesus [Fernandez] Navesek eta biok Bilboko irrati emisora batera joateko deia genuen, Gasteizen gertatutakoa kontatzera. Egun hartan bilera genuen Pilareko elizako sotoan, eta langile bat etorri zitzaigun, esanez poliziak bazuela bilera haren berri. Alde egin genuen. Hiru bat ordu geroago, kalean, atzetik heldu ninduten. Eskuak lotu zizkidaten eta auto batean sartu ninduten. Hantxe eduki ninduten ordu erdi bat, harik eta Jesus ere atxilo hartu zuten arte. Eta polizia-etxera, eta pare bat zartateko jaso nituen; torturarik ez, hala ere. Mehatxuak bai. Poliziak haserre zeuden. "Pantanora eramango haugu, ur dena irentsiko duk!". Atxilotuta, zutik, paretara begira, eta handik bi ordura, Madrilera.
Sedizioa zenuten akusazioa.
Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian eduki gintuzten, Madrilen, Puerta del Solen. Hiru egun han eta Carabanchelera. Han geundela jakin genuen sedizioa egozten zigutela. "Eta zer da, bada, delako sedizio hori?", eta abokatuen erantzuna: "Estatuaren segurtasunaren kontra atentatu egitea". Horrelaxe! Espainiako ministro Fraga Iribarneren eta haren Martin Villaren asmoa zen langileak zentzabidean jartzea. Uste zuten langileak kokilduko zituztela, baina ezta pentsatu ere. Biharamunean, protestak izan ziren han eta hemen, eta poliziak langile bat hil zuen Tarragonan [Juan Gabriel Rodrigo, hilaren 6an], gero beste bat Basaurin [Vicente Anton Ferrero, hilaren 8an], eta beste bat Erroman [Mario Marotta, hilaren 14n] Gasteizekin elkartasunezko mobilizazioetan denak. Orduan, bestelako gogoeta bat egin zuten agintariek: "Ez dugu horrela ibiltzerik, surtara egurra botatzen ari gara". Eta diskurtsoa aldatu zuten. Gu kartzelan geunden, eta ez ginen zeharo jabetu. Gero, irten ginenean jabetu ginen aldaketaz.
Zein izan zen aldaketa hori?
Eztabaida-batzarrak galarazi zituzten, eta batzar informatiboak ezarri, alderdi politikoen eta sindikatuen kontsignak inposatzeko. Boto ematera deitu gintuzten, eta besteren esku uzten dugu harrezkero protagonismoa. Boterearen kontra egotetik, "langileak boterera" oihu egitera igaro ginen. Grebak ezeztatu ziren, eta "borroka egunak" asmatu, egun batekoak eta asteburukoak. Indar errepresiboek uniformearen kolorea aldatu zuten, eta "ordenaren langileak" deitzen hasi ziren. Erresistentzia kutxatik, Estatuaren funts erreserbatuetara pasatu ginen, eta autonomia galdu genuen. Batera lan egiten genuenok, siglen menpeko egin ginen, sektario. Ordezkarien batzordeak ezeztagarriak ziren garai batean, gaur egun lau urteko pribilegioa duten ordezkariak ditugu. Sindikatu bertikal bat zen lehen, zazpi-zortzi sindikatu "bertikal" izan ziren gero, dira orain, nor bere interesen alde. "Gizarte anestesia", esaten zuen Fernandez Duranek.
Zer diozu orduko borrokaren gainean?
Koktel gazi-gozoa daukat barruan. Askatasun ametsa genuen, sindikatu bertikal hura kendu nahi genuen gainetik, laneko baldintzak kontrolatu nahi genituen. Langileen duintasunagatik borrokatu ginen, batzarrak ezarri genituen eztabaidagune eta erabakigune izan zitezen, ordezkari bozeramaileen batzordeak sortu genituen, noiznahi ezeztatzeko moduan. Langileon berdintasunaren alde saiatu ginen, diru igoera linealen alde. Hobekuntza ekonomikoak eta laneko baldintza hobeak eskatzen genituen, baina langile kaleratuak berriz hartzea, atxilotuak askatzea eta euren lanpostuan mantentzea lehenetsi genuen. Hiru hilabeteko borroka izan zen.
Iritzi kritikoa duzu gaur egun Martxoaren 3aren inguruan antolatzen diren ekitaldien inguruan.
Lore eskaintza eta omenaldia egiten da, eta errespetatzen ditut ekitaldiok. Bost hildakoak gogorarazten dira, baina ez haien amets eta antolatzeko moduak, eta borrokari frenoa jartzeko modua izan liteke hori. Ez da, seguru, sindikatu eta langileen asmoa, baina zenbait erakunderen gogoak uste dut horixe nahi duela, hilak izan zirela gogorarazi, "kontuz!", esanez bezala. Hura eta gero etorri zen Fernández Duránek [globalizazioaren aurkako mugimenduko ekintzailea] esaten duen gizartearen anestesia garaia. Laneko borroka zuzentzeko bideak diseinatu zituzten, kapitalari minik ez egiteko eran. Gaur egun, Martxoaren 3az pentsatu eta esango nuke Francoren heriotzaz gero, eta oraindaino arte, ezagutu dugun krimenik handiena izan zela: bost hildako eta ehun zauritu baino gehiago, milaka testiguren aurrean, eta auziperaturik ez. | news |
argia-c1bf24f6c883 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2587/ezin-izendatuzkoa.html | Ezin izendatuzkoa | Katixa Dolhare-Zaldunbide | 2018-02-18 00:00:00 | Ezin izendatuzkoa
Egun hauetan, Garazi-Baigorri eskualdean ongietorria eginen diogu Adélaïde Mukantabana ruandarrari, hain zuzen ere Ruandako tutsien genozidiotik doi-doietatik eskapatu zen lekuko hunkigarriari. L'Innommable–Agahomamunwa ( Ezin izendatuzkoa ) autobiografian (L'Harmattan, Paris, 2016), bere ibilbidearen gorabeherak azaltzen ditu, baita bere bizipenetik at egin dituen ikerketa historikoak ere.
Adélaïde Mukantabanak esplikatzen du liburu horretan nola Belgikak 1916an kolonizatu zuen Ruanda, Afrikako herri ttiki-ttiki hori, alde batetik frantses hizkuntza eta katolizismoa inposatuz, eta bestaldetik gorrotoa sorraraziz ruandarren artean. Alabaina, indarrez sinetsarazi zioten biztanleei laborariak (%85) eta behi hazleak (%10) bi arraza ezberdinetatik heldu zirela; kolonizatzaile belgikarrek nortasun agiriak asmatu zituzten, laborariei "hutu" izena ezarriz, eta behi hazleei "tutsi". Hastapenean, zernahi abantaila eskaini zizkieten tutsiei, hutuen herra elikatuz, eta 1950 hamarkadatik aitzina, hutuen "iraultza soziala" sustengatu zuten, 1994an tutsien deuseztatze "lana" planifikatu eta gauzatzeraino.
Adélaïde Mukantabanak ederki erakusten du nola Belgikaren kolonizazioak desagerrarazi zituen lehengo ohiturak, zenbateraino ustelduak ziren belgikar agintariak eta diktadore ruandarra. Agintariek insistitu zuten tokiko eliza-gizonen parte-hartze sutsu eraileen alde –apez batek Hitlerren Mein Kampf kinyaruandara itzuli omen zuen, genozidioa hobeki prestatzeko xedez–.
Idazleak salatzen du 1950-1994 garai arteko Frantziaren rol ahalkegarria genozidioaren garapenean. Berriki gutun irekia igorri dio Emmanuel Macron frantses lehendakariari, horrek armada buru izendatu berri duelako genozidioan parte hartu zuen ofizial bat, eta Frantziak Ruandari oraindik barkamenik ez diolako galdegin –Belgikak, Ameriketako Estatu Batuek, Nazio Batuen Erakundeak eta Vatikanoak egina dutelarik–.
Liburu hori irakurriz, harritu naiz bi izen euskaldun ikusteaz kontakizunean. Genozidioaren abiapuntua izan zen Habyarimana diktadorearen hegazkin leherketa, eta hegazkin hori François Mitterrand frantses lehendakariak zion adiskidetasunez eskaini, bi gidarirekin, horietan Jean-Pierre Minaberri koronela. Auskalo, izen euskalduna izanagatik, horrek ez zuen beharbada beste deus euskaldunik. Baina beste pertsonak bai baduela, hau da Roger Etxegarai kardinala, ezpeletarra, genozidioaren garaian kargu handia betetzen zuena Vatikanoan. Genozidioa doi-doia bukatua zela eta, Ruandako lurra oraino gorpuez estalia zela, Etxegarai kardinala joan zen Ruandara, han benedikatu "ezin izendatuzkoan" lagundu zuten soldadu frantsesak, eta galdatu salbu atera ziren tutsiei eta eskuak oraino odoleztatuak zituzten hutuei elkar barka zezaten –Bigarren Mundu Gerra ostean juduek eta naziek egin izan ahal balute bezala!–.
Euskaldun eta ezpeletar gisa, xehetasun horiek irakurtzean lotsatu naiz: nolaz bere burua zapaldutzat daukan herri bateko semeak uka zezakeen atzerrian gertatu zuzengabekeria? Orokorkiago, zenbat euskaldunek parte hartu zuen kolonizazioan edo kolonizazioak eragin sarraskietan, historian zehar, esploratzaile, merkatari, soldadu edo apez gisa? Bake prozesua aitzina doan garai honetan, esperantza dut laster kolektiboki jakinen dugula galtzaile edo irabazle, biktima edo borrero, hobendun edo hobengabe posturetatik harago joaten, eta gure historiaren alor minbera guziak aztertzeko gai izanen garela, hurbilekoak zein urrunekoak. | news |
argia-1fb65b477cb4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/indar-handiagoa-behar-da.html | Indar handiagoa behar da | Xabier Letona | 2015-06-28 00:00:00 | Indar handiagoa behar da
Gure Esku Dago ekimenak beste indar erakustaldi handia egin zuen joan den igandean, dozenaka milaka pertsona kalera ateraz eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Festa giroz egin zen berriz aldarrikapena, iazko ekaineko giza katean bezala. Eta helburu oso zehatz batekin, berandu baino lehen, uneren batean euskal herritarrek erabaki eskubidea hautestontzietara eramatea.
Aipatu da, gainera, datorren urtean helburua hainbat herritara eramango dela: Dima, Ispaster, Hernani, Gipuzkoako Goierri… Orain aldarrikatu eta bihar erabaki. Joan den igandean, jostunek borondate anitz eta desberdinak josi zituzten norabide horretan, eta orain badirudi hurrengo pausoan hautatutako herrietan eltzea sutan jartzeko ordua iritsi dela. Datorren urtean ikusiko dira emaitzak, baina hauek onak izateko bada faktore bat Gure Esku Dago ekimenaren oinarrian dagoena eta ahaztu ezin dena: herritarrak eta gizartea indartzea, hauek erabaki eskubidean sinesten duten alderdiak ezinbestean norabide horretan jar ditzaten. Eta hori gehiago kostako da. Joan den igandean erakutsitakoa baino indar gehiago behar da herri oso bat norabide horretan jartzeko.
Igandekoaren itzalen artean dago San Mames, Anoeta eta Iruñeko zezen plaza ez bete izana. Twitterreko traolak #baietzbostakbete zioen. Bada ez, ez dira bete, eta hori ere oso kontuan hartu beharko du Gure Esku Dagok eta ondorioak atera. Egongo dira hainbat arrazoi, eguraldia, formatoa, helburu handiegia, mezuaren egokitasuna, udal hauteskundeak… kontua da ez dela lortu motibatzea eta erakartzea iazko giza katean parte hartu zuten herritarren zati oso handia.
Konfrontazioa berba klabeetakoa izan daiteke analisi honetan. Gure Esku Dagok elkarren aurka ibili diren gizarte sektoreak bildu gura ditu erabaki eskubidearen inguruan, bai elkarren aurka ibili diren sektore abertzaleak, bai abertzale-espainiarzale dikotomiaren inguruan kokatzen direnak. Guztiak bat, eskubide demokratiko baten inguruan.
Hori islatu du Katalunian ANCk bultzatu duen prozesuak eta, modu desberdinean baina Eskoziako prozesuak ere bai. Katalunian Espainiaren jarrera itxi eta erasokorra klabea izan da mugimendu soberanista elikatzeko. Eskozian alderantziz izan da, SNP eta bere esparru instituzional osoak gidatu du prozesua eta herritarrak erabaki eskubidera eraman. Ñabardura asko egin badaitezke ere, Kataluniako prozesua gehiago sostengatu da Espainiarekiko lehian eta Eskozia gehiago britainiarren kultura demokratikoan.
Nahiko litzateke hemen ere britainiarren kultura hori, baina denak adierazten du Espainian konfrontazioaren eskemak garrantzi handiagoa izango duela etorkizunean. Eta Espainian eta Euskal Herrian iraganean izan diren konfrontazio ereduak kontuan izanda, komeni da azpimarratzea lehia hori erabat demokratikoa eta zibila izan behar duela, baina konfrontazio. Espainiako ezker berriak ekar lezake epe ertainera bestelako ikusmolderik, baina gaurkoz aukera hori urruti ikusten da, baita datozen hauteskunde orokorretarako herritarren batasunaren formula gauzatuko balitz ere.
Aurrerantzean ere ezinbestekoak izango dira masa mugimendu handiak, baina hori baino garrantzitsuagoa izango da erabaki eskubidea elikatzeko egunero hartuko diren erabakiak norabide horretan bultzatzea. Badira esparruak horretarako: Eusko Legebiltzarreko autogobernu ponentzian zein leku eta garrantzi izango du erabaki eskubideak?; Nafarroako Gobernu berriak nola zabalduko du, adibidez, D eredua eremu ez euskaldunean?; nola erantzuten zaie Auzitegi Konstituzionalak etengabe jartzen dituen helegiteei?; Udalbiltzarekin edo gabe, nola gauzatu behar da hiru lurralde administratiboetako erakundeen elkar lana eguneroko oso gauza zehatzetan?; euskal gizarteari bete-betean eragiten dion bake prozesua bideratzeko ahalmenik ez duen gizarteak, bere etorkizunaz erabakitzeko indarrik izango ote du?
Galderak eta esparruak bata bestearen atzetik jar daitezke. Horietan guztietan eta gehiagotan Gure Esku Dagoren eta herritarren presioa nabaritzen bada, euskal gizarteak hautetsontzian ere erabakiko du, bestela nekez. | news |
argia-cfddb68250e3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/beriain-tiebas-eta-elortz-bailaran-ere-d-eredua-nahi-dute.html | Beriain, Tiebas eta Elortz bailaran ere D eredua nahi dute | Onintza Irureta Azkune | 2015-06-28 00:00:00 | Beriain, Tiebas eta Elortz bailaran ere D eredua nahi dute
Nafarroako zonalde ez euskaldunean daude, eta bi eskaera dituzte: euskarazko irakaskuntza herrian bertan izatea, eta hori lortu bitartean, jantokia eta garraioa ordaintzea.
Ez dira lehenak eskakizunetan. Artaxoako, Mendigorriako eta Larragako gurasoen bidea hartu dute Beriain, Tiebas eta Elortz bailarako gurasoek. Irakaskuntza publikoan ezin dituzte haurrak D ereduan matrikulatu eskaintzarik ez dagoelako, eta ondorioz, Iruñeko Hegoalde ikastolara eta Iturrama ikastetxera eramaten dituzte haurrak. Jantokia eta garraioa poltsikotik ordaintzen dituzte.
Nafarroako Gobernuko erregistroan 30 eskaera egin dituzte, 60tik gora umeren izenean. | news |
argia-830d61534d6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/nepaleko-lurrikaretako-batek-everest-mugitu-du.html | Nepaleko lurrikaretako batek Everest mugitu du | Joxerra Aizpurua | 2015-06-28 00:00:00 | Nepaleko lurrikaretako batek Everest mugitu du
2015eko apirilaren 25ean Nepalen gertatu zen lurrikarak, herrialdea hankaz gora jartzeaz gain, lekuz aldatu ditu gauzak. Hala, Txinan lurrikarak aztertzen dituen erakunde baten arabera, Everest hiru zentimetro mugitu da hego-mendebalderantz. Datu hori ezagututa baten batek pentsatuko du horrenbestez GPS koordenatuak aldatu beharko direla, eta hala da, baina esan beharra dago Everest, beraren azpian dauden xafla tektonikoen mugimenduaren eraginez, etengabe ari dela mugitzen.
Urtero, munduko mendi altuena lau zentimetro higitzen da ipar-ekialdera. Hortaz, azken hamar urteotan 40 zentimetro mugitu da. Lurrikarak mugimendu hori atzeratu baino ez du egin, hau da, orain urtebete zuen posiziora itzularazi du, gutxi gorabehera.
Baina Everest behetik gora ere mugitzen ari da, hau da, altxatzen. Horizontalean baino mugimendu txikiagoa du; hala ere, urtero 0,3 zentimetro handitzen dela kalkulatu da. Beraz, haren altuera 8.848 metrokoa dela esaten dugunean badakigu zifra ez dela zehatza, hitzartutako garaiera ofiziala baizik. Eta hala ere, txinatarren arabera Everest hori baino lau metro txikiagoa da, tontorrean duen lau metroko izotz geruza kendu behar baitzaio. | news |
argia-e455de691ba4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/frackinga-2.html | Frackingaren hondamena | Unai Brea | 2015-06-28 00:00:00 | Frackingaren hondamena
Ondoren datorren artikulua, neurri handi batean, Ekologistak Martxan elkarteak 2013an argitaratutako Haustura hidraulikoaren hondamena txostenean oinarrituta dago. Testuari beste iturri batzuetako pasarteak gehitu dizkiogu; besteak beste, The Oil Crash blogekoak eta David Hughes geologoaren Drill, baby, drill txostenekoak. Hondamena energiaren ikuspuntutik aztertzen da, baita ekonomiarenetik ere. Biak lotuta daude, bistan dena. Energiaz den bezainbatean, fracking bidez lortutako baliabideen itzulera tasa (EIT) baxua nabarmendu behar da: erauzketa lanetan erabiltzen den energia unitate bakoitzeko lortzen den ordaina txikiegia da, eta ez du egindako inbertsioa justifikatzen. Hala ere, ezin ukatu frackingaren bidean mozkinak lortzerik izan denik, burbuila lehertu bitartean behinik behin. Testuaren bigarren zatian azaltzen dira haustura hidraulikoaren inguruan egindako espekulazio operazioak.
Hainbat mito eraiki da hidrokarburo ez konbentzionalen inguruan: erregai fosilen urritasunerako konponbidea direla, klima aldaketa leuntzen lagunduko dutela... Beharbada, energiaren alorrarekin zerikusia dutenak dira ulertzeko zailenak. Ondorengo lerroetan galdera honi erantzuten saiatuko gara: gas ez konbentzionala erauztearen aldeko erabakia egokia da energiaren ikuspuntutik?
Petrolioaren gailurra eta haustura hidraulikoa
Petrolioaren gailurra errealitate bihurtu da honezkero. Ez dio axola orain dela urte batzuk gertatu zen, zenbait ikerketak diotenez, edo ekoizpena denbora batez konstante mantenduko den oraindik. Gas naturala ere gailurrera iritsiko da hamarkada gutxi barru. Gertakari horien ondorio bat da hidrokarburoak ezin direla iraganeko erritmo berean erauzi. Hori dela eta, petrolioaren industriak lehen ekonomikoki bideragarriak ez ziren hobietara jotzen du. Ez konbentzionaletara, alegia.
"Ez konbentzional" adjektiboa ez dagokio produktuari berari (gas zein petrolio), hura erauzteko erabiltzen diren teknikei baizik. Haustura hidraulikoa (frackinga) da teknika horietako bat. Horrelakoen garapen masiboa hidrokarburoen txorrota nola edo hala irekita mantentzeko saiakeratzat hartu behar da, horren kostu ekonomiko, ekologiko eta soziala lehengoa baino askoz handiagoa izanda ere.
Haustura hidraulikoaren hondamen energetikoa
Energi itzulera tasa (EIT) esaten zaio iturri jakin batetik lortutako energiaren eta berau lortzeko erabili den energiaren arteko harremanari. Zenbat eta EIT handiagoa, orduan eta energetikoki errentagarriagoa da iturri hori: inbertsio energetiko berak energia gehiago jartzen du jendartearen eskuetan.
Ez da lan samurra fracking bidez erauzitako gasaren EIT kalkulatzea. Ez dago neurketa zuzen gaurkoturik, baina zeharkako metodoak erabil daitezke, errendimendu energetikoa errendimendu ekonomikoarekin erkatuz besteak beste. Metodo horiek agerian uzten dute baloreak oso baxuak direla. AEBetako gas ez konbentzionalaren produkzio kostuak Errusiako gas konbentzionalarenak baino zortzi aldiz handiagoak direla kontuan hartuz, eta errusiar gas konbentzionalaren EIT, gutxi gorabehera, 20:1 dela jakinik, arbel-gasarena 2:1 eta 3:1 bitartean egon daitekeela jo dezakegu. Bat gastatu bizpahiru lortzeko. Kontuan izan behar da hidrokarburo baten ustiapena ekonomikoki errentagarria izateko, EIT 10etik gorakoa izan behar da normalki.
Iraultza industrialaren hastapenetan, ikatzaren energia-errendimenduari esker, 50:1eko EIT lortu zen, baina ez mundu osoan, Europa eta Ipar Amerikako herrialde industrializatuetan baizik. Haiek bihurtu ziren metropoli, eta Lurreko beste eskualde asko, haien kolonia. Metropoli-kolonia binomioaren EIT 10:1etik pixka bat gorago zegoen. 50:1-aren abantailak, eta gerora ikusi zenez, desabantailak ere bai, munduko aberatsek baino ezin zituzten dastatu.
EIT globala, etengabeko jaitsieran
Petrolioaren aroa hasteak 100:1era altxarazi zuen EIT (munduaren alde pribilegiatuan, esan gabe doa). Gainazaletik oso hurbil zegoen erregaia, energetikoki errendimendu handikoa zen... Merke antzean eskuratu eta prozesa zitekeen petrolio hura, eta horrek azaltzen du hain EIT gizena. Energia kopuru izugarri horiek eskueran izateak eragin zuen, eta ez beste ezerk, gaur egungo mendebaldar batentzat hain "berezkoa" den bizi estiloa.
Arazoa da bizi estilo horri eutsi bakarrik ez, areagotu egin dugula, baina EIT ez dela garai bateko 100:1a. Apurka, gainazaletik hain hurbil ez zeuden eta hainbesteko purutasuna ez zeukaten hidrokarburoak erauzten hasi baikinen, besteak agortu ahala. Energia bera lortzeko energia gehiago xahutu behar, aldi berean kontsumoa etengabe hazten den bitartean. Gaur egun, petrolioaren EIT, mundu osoan, 20:1 ingurukoa da, eta jaisten segitzen du. Hidrokarburo konbentzionalak –merke eta erraz lortzen diren horiek– gainbeheran daudela, handitu egin da ez-konbentzionalen portzentajea hidrokarburoen guztizko kopuruan: 1965ean %3 ziren, gaur egun %20.
Haustura hidraulikoa eta espekulazioa
Ikusi dugunez, frackinga ez da, inondik inora, etorkizunerako irtenbide energetikoa. Baina hori agerikoa izan arren, kalkulatutako erreserbekin jolastea oso errentagarri suerta dakieke enpresa batzuei. Esandakoaren kasu paradigmatiko bat Vaca Muertako (Argentina) petrolio eta gas ez konbentzionaleko hobiarena da. Repsolek iragarri zuenean bertako erreserbak 22.000 milioi petrolio upel baliokidekoak zirela, YPFren, alegia, enpresaren argentinar atalaren akzioak %7 igo ziren. Baina Repsolen asmoa ez zen hobia ustiatzea –oso diru gutxi inbertitu zuen bertan–, ahalik eta diru gehienen truk hartaz libratzea baizik, xede horrekin 142 bilera egin izanak argi uzten duenez. Operazioa ez zen burutu Argentinako Gobernuak YPF desjabetu zuelako.
Aipatutakoa ez da adibide bakana. Hidrokarburo ez konbentzional hobi bat eskuratzen duten enpresa askok batu egiten dituzte bertako erreserbak eta askoz erraz eta merkeago ustiatzen diren hobi konbentzionaletakoak. Hala, petrolioa eta gasa luzerako dituztelako fikzioa eraikitzen dute, hobi berriek dituzten arazoak arbuiatuz.
Analista askok ohartarazi dute horretaz. Haustura hidraulikoaren booma subprime hipotekenarekin konparatua izan da; orduko hartan, zabor hipotekak arrisku gutxiagokoekin nahasi eta den-denak kalifikazio gorenekoak bailiran saltzea izan zen iruzurraren muina.
Hori nahikoa ez, eta sarri askotan hobietako erreserben hasierako estimazioak, zalaparta handiz iragartzen direnak, gehiegizkoak dira, eta azkenean izugarri apaldu behar izaten dira.
2011n, EIA agentziak estatubatuarrak (Energy Information Administration) onartu behar izan zuen AEBetako ekialdean dagoen Marcellus eremurako emandako aurreikuspenak handiegiak zirela. Aurreikusitako 410 bilioi oin kuboetatik, AEBetako Geologia Zerbitzuak eremua aztertu eta gero, 84 besterik ez ziren geratu. Hau da, aurreikusitakoaren %20 baino ez. Are puztuagoa izan zen Poloniarako egindako kalkulua: 187 bilioiko aurreikuspenetik 1,3 bilioi besterik ez ziren geratu. %99 baino gehiagoko jaitsiera! Eta hori, kontuan hartu gabe Poloniako gasak ez duela balio erregai modura, nitrogeno gehiegi baitu. Bertan zebiltzan enpresek alde egin dute, negozio ametsak atzean utzita.
Fracking-gasaren burbuila
Hidrokarburo ez konbentzionalen zenbait hobi oso emankorrak dira, baina halakoak portzentaje txiki bat besterik ez dira. Oro har, gainbehera azkarra izaten da. David Hughes-en Drill, baby, drill txostenean irakur daitekeenez, eta AEBetako esperientziari begira, urtero 42.000 milioi dolar inbertitu behar dira putzu berriak ireki eta gas fluxua bere horretan mantendu ahal izateko. Larriena da lortzen den gasaren balioa inbertitutakoa baino txikiagoa dela: 2012an, esaterako, 32.500 milioi dolar. Hortik ondorioztatu daiteke haustura hidraulikoa zorigaiztoko negozioa dela ekonomiaren ikuspuntutik, ingurumenarenetik eta energiarenetik ez ezik.
Deborah Rogers finantza-analistak, 2013an plazaratutako txosten ezagun batean (izenburua ezin esanguratsuagoa da: Antolatua izan zen gas naturalaren prezioaren beherakada?), agerian utzi zuen Wall Streeteko finantza-enpresek buru-belarri sustatu zutela arbel-gasaren ustiaketa, eta horren ondorioz gasaren prezioa ekoizpen prezioaren azpitik kokatu zela. Jaitsiera horren ondorioz frackinga egiten zuten enpresak erakargarri bihurtu ziren inbertsiogileentzat. Finantza-bitartekariek mozkin izugarriak irabazi zituzten fusio eta erosketa operazioei esker.
Fracking-petrolio eta fracking-gas aurreikuspenak izugarri handitu ziren testuinguru hartan. Rogersen arabera puzketa %100 eta %500 bitartekoa izan zen, erauzketa egiten hastean ikusi ahal izan zenez. Horrek erakusten du finantza-negozioa sendotasunik gabeko oinarri fisiko baten gainean bermatu nahi dela. | news |
argia-bf479c3a8505 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/antonio-turiel-the-oil-crash-blogaren-sortzailea.html | "Hidrokarburo konpainia handiak frackingean egindako inbertsioez libratzen ari dira" | Unai Brea | 2015-06-28 00:00:00 | "Hidrokarburo konpainia handiak frackingean egindako inbertsioez libratzen ari dira"
Espainiako Leónen jaioa, fisikaria, Bartzelonako Itsaso Zientzien Institutua du ohiko lantokia. Eguneroko ikerketa esparrua ozeanografia fisikoa badu ere, petrolioaren gailurraren ondorioez kezka du aspalditik, eta horrek bultzatu zuen The Oil Crash bloga sortzera, energia krisiaren gakoak ulertzeko erreferentziazko iturri bihurtu dena. Frackingaren aldeko apustuaz zalantzarik ez du Antonio Turielek: "Iruzurra da".
Petrolio gailurraren tesia esplika daiteke modu laburrean?
Gauza jakina da petrolioa ustiatzen den hobi bateko ekoizpenak ez duela etengabe irauten, eta hobian bezala gertatzen da eskualde batean, herrialde oso batean... eskala guztietan. Hasieran, esploratu ahala, inguruaren ezaugarri geologikoak hobeto ezagutu ahala... produkzioak gora egiten du urtez urte. Baina uneren batean ekoizpen gailurra iristen da, zaila da leku berrietara iristea, eta fluxua gutxitzen hasten da, arrazoi fisiko eta geologikoengatik. Guk ekoizpena handitzeko ahaleginak egin ditzakegu, horretarako teknika ugari daude, baina azkenerako energia eta diru gehiago xahutzen da petrolioa ateratzeko petrolio horrek berak emango dituena baino. Ateratzen den petrolio kopurua baxuegia denean, hobia utzi egiten da.
Baxuegia eta garestiegia, ezta?
Argi dago zenbat eta gutxiago egon zailagoa dela erauztea. Gainera, hasieran hobi handi eta ustiatzeko errazetara jotzen da, gero txikiagoetara, zailagoetara, garestiagoetara... Eta azkenik, ustiatzeko oso zailak edota ingurumen aldetik arriskutsuak izateagatik baztertuta zenituenetara joko duzu, besterik ez duzulako. Horixe da frackingarekin gertatzen dena.
Hor ditugu haustura hidraulikoaren bidez erauzten diren hidrokarburo ez konbentzionalak, ingurumen aldetik hain kaltegarriak diren hondar asfaltikoak... Blogean esanda duzu horren ostean ez dagoela besterik, ilusioaren azken muga direla.
Zaila da aurreikuspen hori egitea. Beti izaten da ustiatzeko moduko beste baliabideren bat, baina... Aipatutako horiek baldintza txarretan daude, ateratzeko oso zailak eta garestiak dira. Ez dira ekonomikoki errentagarriak, eta etsipenak bultzatuta ustiatzen dira; horren kostua oraindik etekina ematen duten baliabideei esker finantzatu da. Ez nuke esango ostean beste ezer etorriko ez denik, uste dut zerbait egongo dela, baina gero eta bazterrekoagoa eta iraupen laburrekoagoa. Frackinga bost-hamar urte iraungo duen burbuila da. Ez da harago joango.
Burbuila hori honezkero lehertzen hasita dago...
Bai. Sintomak oso argiak dira. AEBetako putzu aktibo kopurua %40 murriztu da iazko urriko maximoetatik. Dena barne hartuta, fracking putzuak baina konbentzionalekoak ere bai. Itxura osoz hau lehertzen ari da. Dagoeneko izan dira kiebra batzuk, eta gehiago gertatu ahala, inbertsiogileek beldurra izango dute, dirua galtzen dela ikusten baitute. Azken urteetan frackingak izan duen aparraldia ez da errepikatuko.
Espainiako Estatuan haren aldeko apustu politiko tinkoa egiten ari da, alta.
Hasteko, komeni da azpimarratzea Espainian ez dagoela fracking-petroliorik, fracking-gasa baino ez dago. Eta gasak askoz muga gehiago dauka, ez da petrolioaren ordezkatzaile ona, eta haren merkatua askoz murritzagoa da. Gauzak AEBetan bezala izango direla sinestarazi nahi dute, baina han fracking bidez ustiatzen dena, batez ere, petrolioa da. Eta hain zuzen petrolioa da Espainiak behar duena. Gasa garestia da, eta bere prezioa petrolioarenari lotuta dago, baina ez da Espainiaren arazo handiena, Espainiak batez ere petrolioa kontsumitzen duelako; hortik ateratzen du gaur egun erabiltzen duen energiaren erdia, eta gasetik %20 baino ez. Arazoa da nola edo hala eduki nahi dutela hidrokarburo iturri bat aberrian. Apustu handia egin da hori lortzeko. Izango da horretarako interes ilunen bat, baina uste dut arrazoi nagusia ez dela hori; sinetsi egin dute, sinetsi nahi izan dutelako. Zerbaiten premia duzunean, errazagoa da behar duzun hori eskuratuko duzula sinestea.
Arrazoiak ideologikoak dira, orduan.
Ezta hori ere. Hara, egon badago, hasiera-hasieratik, eztabaida ideologiko bat, ingurumena kontserbatzearen aldekoen eta garapen industrialaren aldekoen artean. Baina enpresa-sektoreari begiratuta, iruditzen zait ideologiak baino etsipenak bultzatzen dituela; horniketa arrazoizko prezioan bermatuko dien baliabideren bat behar dute.
Orain dela hilabete batzuk agerraldia egin zenuen Eusko Legebiltzarreko Energia sailean. Hantxe esan zenuen, besteak beste, alderdi politiko gehienek aldarrikatzen duten hazkundera itzultzea ezinezkoa dela. Nola hartu zintuzten?
Erreakzioak, oro har, nahiko bitxiak izan ziren. Baten batek agerraldia eskertu zidan, esan nizkien gauzetako asko ez baitzituen ezagutzen. EAJko ordezkariak ez zituen ezbaian jarri eman nituen datuak –besteak beste, agentzia ofizialetako datuak zirelako–, baina esan zidan ez niola tarterik uzten berrikuntzari. Bazekitela apustuak ez zuela balio epe luzerako, baina zerbait egin beharra dagoela.
Frackingaz ari zara?
Bai. Edozelan, eta hazkundera itzultzeko ezintasunari dagokionez, inork ez zion gaiari heldu nahi zan, Bilduko ordezkariak izan ezik. Gai tabua da, ez-gai bat.
Ez da harrigarria ustez aholkulari onak dauzkaten politikariek naturaren lege oinarrizkoenak aintzat ez hartzea?
Jakin badakit nik esan niena ezagun dutela, eta ulertu egiten dutela. Kontua da ea onartu egiten duten ala ez, politikoki onartezina baita, hain dira erradikalak gai honek gure egitura ekonomiko eta sozialean dituen ondorioak. Nork ipiniko kaskabiloa katuari? Azken boladan Podemosetik hurbil dauden batzuei entzun diet Podemos ere ez dela ausartu hazkundearen printzipioa ezbaian jartzera. Asko kostatzen zaie, uste baitute jendarteak ez duela onartuko, eta horrek boto asko kenduko diela.
Eta zergatik ez luke jendarteak onartuko?
Makina bat aldiz esan eta gero prosperitatea hazkundetik datorrela, enplegua sortzetik, etab, ez da erraza hazkundeaz, ekoizpen-eredua aldatzeaz... hitz egiten hastea. Nik hitzaldietan beti esaten dut gaur egungoaren oso antzeko bizi maila lor daitekeela –zenbait aldaketa esanguratsurekin, baina oso antzekoa– askoz energia gutxiago kontsumituz. Kontua da horrek ezinbesteko baldintza duela, eta hortxe dago koska: horretarako kapitalismoa utzi behar da, bestela ezin. Hori da benetako zailtasuna: jende askorentzat errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoarena baino.
Eta kapitalismoaren ordez, zer?
Oso zaila da horri erantzutea, eta ez dut uste ni naizenik horretarako pertsonarik egokiena. Esan dezakedana da kapitalismoari eustea ez dela posible, hazkundean oinarritutako sistema ekonomikoa delako, eta hazkundea fisikoki ezinezkoa delako. Antolatzeko beste era bat behar da, ongizatea sortzeko eta jendearen beharrizanak asetzeko pentsatua, hazkunde beharrik ez duena eta kontsumoan oinarritzen ez dena. Horrek erabat aldatuko luke dena. Kapitalismoan, kapitalak eskubidea du ordain bat jasotzeko, eta horrek garamatza interesera eta hazkunde esponentzialera. Hori ezabatu egin behar da, eta errotiko aldaketa da. Sistema horren onuradunak, noski, ez dira ados egongo, kalte egiten zaiela pentsatuko baitute, baina ulertarazi behar zaie besterik gabe ezin dela honela jarraitu. Ez da negoziagarria, inork ez du gure iritzia eskatu. Naturak ez du negoziatzen.
Frackingaren burbuilari hel diezaiogun berriz. Petrolioaren multinazional handiak zenbait aktiboz libratzen ari dira.
Funtsean, zalantzazko errentagarritasuna daukaten aktiboak saltzen ari dira. Horrela errentagarritasunari eusten diote, baina euren tamaina murriztuz. Aktibo horiek, ez denak baina bai gehienak, frackingean, harea asfaltikoetan, nekazaritza-erregaietan... egindako inbertsioak dira. Saldu edo "izoztu" egiten dituzte. Kasu batzuetan, konpainia horiek dutena esploraziorako edo ustiapenerako baimen bat da, epemuga jakina duena. Eta baimen hori izoztu egiten dute. Bestela, Repsolek Kanarietan egin zuena egiten dute. Esplorazio eremu batetik alde egin zuen Repsolek, eta bigarren eremu bat esploratzeari uko egin zion. Isuna ordaindu behar izan zuten horregatik [zehazki, bost milioi eurokoa], baina nahiago dute, inbertitzen jarraituz gero ezin izango bailukete inbertitutakoa berreskuratu. Toki guztietan berdin gertatzen da. Baimen-eremuak ustiatu gabe uzteko joera ari da zabaltzen. Dirua galtzen da, baina gehiago galtzen da ustiatzen saiatuz gero.
Beharbada hidrokarburoen sektoreko enpresa handien finantza-osasunak ez die kezka handirik eragingo gure irakurleetako askori, baina ondo pentsatuz gero beldurra ematen du energiaren pagotxa berria omen zen hartatik erretiratzen direla ikusteak.
Egia esanda, bai. Etorkizun hurbilean hornidura arazoak izango direla adierazten du horrek.
Oso hurbilean?
Bi eta bost urte bitartean. Gaurko egoeratik abiatuta, eta joera aldatzen ez bada –zaila da aldatzea–, nik aurreikusten dut munduko petrolio ekoizpena %5-10 jaitsi daitekeela bizpahiru urte barrurako. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. | news |
argia-25e68f36535d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/yummaren-urrezko-bola.html | Sorpresa atsegina | Xabier Etxaniz Erle | 2015-06-28 00:00:00 | Sorpresa atsegina
Pello Añorga
Irudiak: Jokin Mitxelena
Denonartean, 2014
"Behin batean, herri txiki batera iritsi zen familia bat: ama eta alaba Yumma". Honela hasten da Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren artean eginiko ipuin hau. Eta hasierak adierazten duen ipuin klasikoen usain hori mantentzen da narrazio guztian; antzinako kontakizunen egitura du liburuak eta antzinako kontakizuna izan zitekeen asmatu berria ez balitz.
Yumma txikia dugu ipuineko protagonista; herrira iritsi, amaren heriotza, honek ematen dion objektu magikoa (urrezko bola), objektua galtzean dituen arazoak, herritarren maitasuna, nola aurkitzen duen berriro urrezko bola, eta amaiera guztiz zoriontsua. Proppek proposatzen zituen ipuinetako funtzioak nabarmenki agertzen dira –herri ipuinetan ohikoak direnak– eta horregatik du kontakizunak istorio klasikoen traza, egitura, usaina. Protagonistak galera bat du hasieran –deserriratuak dira eta ondoren ama galtzen du–, eta hainbat froga gainditu behar ditu –inork argitzen ez duena gaixotasuna sendatzeko modua, batik bat–, amaieran zoriona lortzeko: "–Gora gure erregina –deiadar egin zuten denek. Yumma, orduan, loriatuta, salatik atera eta ibiltzen hasi zen herrian barrena, oinutsik, zoriontsu, urrezko bola bezain argi, maitagarri eta distiratsu".
Liburu hau ipuina dela esan dut, ipuin ilustratua dela esan beharko genuke eta ez albuma, testua irakurriz –edo entzunez– argumentua jarraitu ahal delako eta Yummaren garapena, estutasunak edo poza ezagutu ditzakegulako; baina ezin da albo batera utzi Jokin Mitxelenaren lana ilustrazioen aldetik. Argumentuaren haria irudien bidez jarraitzeko baliabide egokia eta aberasgarria izateaz gain, Jokin Mitxelenak ederki erabiltzen ditu koloreak ipuinaren tonua indartzeko; areagotzeko Yummaren egoera, bidaia, larritasuna; eta era berean, urrutiko paraje batean kokatzeko, janzkerek, etxeek eta gainerako elementuek mende batzuk atzera eramaten baikaituzte.
Alde horretatik, Pello Añorgaren eta Jokin Mitxelenaren artean egindako beste lan eder baten aurrean gaudela esan dezakegu. Irakurleak Yumma neskatoa, herritarren maitasuna bereganatu eta "printzesatxoa" izendatzen dutena, ezagutuko du; berarekin bat egin eta heldutasunera iristeko bidaiaren lekuko izan. Gure sortzaile hauen lanak ezagutzen dituztenentzako sorpresa atsegina da liburua, estilo aldetik aldaketa nabari delako; baina, era berean, Añorga eta Mitxelena tandemaren beste adibide bat da. Bai eta liburu ilustratuak eta albumak poliki-poliki gure artean hartzen ari diren indarraren eta kalitatearen adibidea ere. | news |
argia-33a9ebfd0159 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/elikadura-burujabetza.html | Langileen jantokia ingurua aberasteko motor | Estitxu Eizagirre | 2015-06-28 00:00:00 | Langileen jantokia ingurua aberasteko motor
Hernaniko Orona kooperatiban kokatutako Diametro 200 izeneko jatetxeak bertako produktuak, garaikoak eta ahal dela ekologikoak zerbitzatzen ditu: egunean 170 pertsonak bazkaltzen dute osasuntsu, horietatik 140 Oronako langileak dira. Sukalde berezia dute, elikagaiak hasi eta buka bertan eraldatzearen alde apustu egin duena. Inguruko lehen sektorea indartzen duen enpresako jantoki eredu hau aitzindaria izan daiteke. Urte gutxira enpresa gehiago gehituko zaizkien esperantzaz ari dira.
Iñigo Marquet, Orona Fundazioko Garapen Zuzendariak azaldu digu nola iritsi ziren bertako eta garaiko elikagaiak zerbitzatzen dituen jantokia jartzera: "Orona Ideo esparrura etorri ginenean, obrak ia-ia bukatuta zeuden. Fundazioaren lehenbiziko ikasturtea hasita zegoen. Baina oraindik ez geneukan langileei jantoki zerbitzua emateko kantina jarria. Hausnarketa egin genuen: Orona Ideo proiektuarekin alor guztietan berrikuntzan harago joatea izan da asmoa. Kantina jartzerakoan ere harago joan behar genuen, koherente izan behar zuen, esaterako, berotzeko energia berriztagarri hutsez hornitzen den eraikinarekin". Inguruaz gain, euren langiledia ere kontuan izan zutela kontatu digu: "Nola bermatzen da egun jendeari janari osasungarria emango diogula? Bertako produktuekin, garaiko produktuekin, eta ahal den neurrian produktu ekologikoekin. Ardura korporatibo ariketa bat da: zaindu dezagun gure jendea, egunero osasungarri jaten emanez".
Elikadura ardatz hartuta, proiektu sozioekonomiko bat garatzeko aukera dutela baloratzen du: "Egun ez dago inguruan ekoizpen nahikorik, horrelako elikadura eredu bat martxan jartzeko. Arazo hori aukera bihurtu nahi izan dugu; gure eskaerak aukera ematen digu inguruan lehenbiziko sektorea garatzeko: bertako ekoizpena indartuz, garaiko ekoizpenak indartuz... eta lehen sektorea indartzen dugunean ez gara bakarrik sektore ekonomiko bat indartzen ari, baita ere ari gara indartzen kultura, ingurumenaren zaintza...".
Poltsiko bakoitzaren neurriko aukera
Goiko solairuan langileen kantina dago: eguneko menua eskaintzen da, self-service (norberak hartu beharrekoa) eran antolatuta. Kaleko jendeak ere jan dezake bertan, Oronako langileen artean. Aukera anitza dute: Entsalada, potajea eta purea egunero, eta horrez gain lehenengo plater bat, bigarren plater bi aukeran, eta postrea. Marquetek irriz aipatu du: "Tarteka sorpresa txikiak ere ematen dizkigute, nazioarteko keinuak (tako mexikarrak...)".
Beheko solairuko kafetegian karta eskaintzen dute, plater landuagoak zerbitzatzen dituzte. Eta maila jasoagoko sukaldaritza eskaintzen duen beste jantoki bat ere badute, Oronara mundu osotik datozen kanpoko bisitarientzat. Hiru eskaintza beraz, bakoitza dagokion prezioarekin.
Orona Ideon egiten diren ekitaldietarako koktelak eta luntxak ere prestatzen dituzte.
Haize kontra doan sukaldea
Fede Patxa Goikoetxea sukaldari eta jabeak harro azaldu dizkigu ostalaritzan paradisukoak diren lan baldintzak: "Gure sukaldean zortzi orduz egiten da lan, jarraian, astelehenetik ostiralera (asteburua eta jai egunak libre). Oporrak ditugu abuztuan, Gabon eta Aste Santuan. Hein handi batean Oronaren lan egutegiari lotuta gaudelako da hori. Baina kanpoko bezeroei menuak ematen dizkien kafetegia ireki genezakeen asteburuetan, abuztuan... eta ez dugu egin nahi. Gure sukaldariak gustura egotea nahi dugu. Horrek dakar gure taldeko langileak oso-oso inplikatuta egotea proiektuan. Askok kontatzen didate orain zenbat egoten diren umeekin...".
Sukalde honetan lan baldintzak bezain deigarria da lan egiteko modua, dena bertan egitea helburu duena: "Gure elikagaien filosofia muturrera eramaten dugu. Ez da ezer sartzen industrialki prestatuta. Haragi xehatua behar badugu guk egiten dugu. Saltxitxak guk egiten ditugu. Tomate saltsa guk egiten dugu. Bizkotxoak guk egiten ditugu. Transformazio osoa. Pentsa, behiak osorik ekartzen ditugu eta guk kentzen diegu hezurdura!". Arrunta behar lukeena salbuespen dela nabarmendu du: "Sukaldeetan gero eta gutxiago egiten da sukaldean. Egun jar dezakezu sukaldea eta elikagaien %100 prestatuta jaso. Ez duzu sukaldaririk behar! berregiten dakitenak eta zerbitzatzen dutenak behar dituzu. Eta guk sukaldean egin nahi dugu, elikagaiak hasieratik bukaerara landu nahi ditugu. Hori erabat kontra doa egungo sukaldeetan egiten denarekin, kontziente naiz. Esango nuke barazkiak ere garbituta datozela jatetxe askotan".
Garaian garaikoa, eta hasi eta buka bertan egina. Horren froga nagusia erakutsi digu: "Jatetxeetako sukaldean erregina izozkailu erraldoi bat izaten da. Guk ez dugu izozkailurik. Bi arkoi txiki ditugu, sobratutako gauzak eta abar gordetzeko. Dena gu egiten saiatzen gara, baita ogi batzuk ere! Pasta freskoa ere egiten dugu. Amaituko dugu, pixkanaka, den-dena egiten. Ez dadila transformatutako ezer sartu (ez ogirik, ez pasta lehorrik...), hori da azken helburua. Lan gehiago da, eskulan gehiago da, soldatetan lonordu gehiago ordaindu behar dira, baina gure helburua ez da ahalik eta diru gehien irabaztea".
"Gaur eskaini ditugun zerbak, Hernaniko Karabelekoren baratzeetan goizeko 8etan atera dituzte lurretik, 9etan iritsi dira gure sukaldera, prestatu ditugu eta eguerdian horiexek atera ditugu. Dugun lantaldearentzako, 170 bazkaltiar egunean ez dira gehiegi. Horrek ahalbidetzen digu ia erabat egunean egunekoa prestatzea. Hori, kopuru hauetako menua eskaintzen duen jantoki batean, luxua da". Dinamika ederra dutela azaldu digu: "Ostiralean birziklatzen dugu astean zehar jarri duguna. Egunero aldatzen dugu menua, eta sobratzen dena ostiralean zerbitzatzen dugu. Horrela langileek aukera dute aurrekoan inbidiaz utzi zutena dastatzeko".
Errentagarritasunaz
Horrelako jantoki zerbitzua eskaintzeak merezi duela dio, ziurtasunez, Marquetek: "Ikuspegi ekonomiko hutsetik, ziur jar dezakeela enpresak ekonomikoki errentagarriagoa zaion zerbait. Baina ez diogu horri bakarrik begiratzen: Gure jendea zaintzen ari gara, eta eragin bat sortzen ari gara inguruan". Langileen bazkarien kostuaren zati bat kooperatibak hartzen du beregain, eta beste zati bat langileak. Marqueten hitzetan, "hemengo langileak prest daude pitin bat gehiago ordaintzeko, horrela bazkaltzearen truke".
Aitortu du zenbakiak osatzeko lagungarri zaizkiela kanpoko bezeroak: "Horrela estaltzen dugu jatetxeak izan dezakeen gainkostua. Orona Ideoren esparruan egunero egiten dira bilerak, kongresuak, kanpoko jendea dator... Jendeari itxita dauden enpresak, bertako langileentzat bakarrik zerbitzua emango luketenak, kostu handiagoa hartu beharko lukete beregain. Edozein kasutan, norberak baloratzen du gauza bakoitzaren garrantzia. Applek eta Googlek sekulako gimnasioak jartzen dituzte langileentzako. Guk ez dugu inbertsio hori egingo, baina bai inbertitzen dugu langileek egunero osasuntsu jan dezaten".
Aurrera begirako garapena
Marquetek aurreratu duenez, "gure bokazioa da etorkizunean Oronako beste lan zentroetan eredu hau jartzea. Horretarako lan egiten ari gara". Beste enpresa batzuk ere (horietako batzuek kooperatibak, Mondragon taldekoak eta ez direnak) interesa agertu dute proiektu honekiko eta aztertzen ari dira euren enpresan martxan jartzeak ekarriko lukeena. Marquet pozik da: "Hemengo sistema benetan bideragarria dela ikusi dute. Beste enpresei esango nieke serio aztertzeko: posible da eta onurak oso onak dira. Gure langileak pozik daude, baloratzen dute proiektua eta badakite beren eguneroko otorduarekin inguruan aberastasuna sortzen ari direla. Etorkizuna da".
Patxa sukaldariak beste erronka bat du buruan: "Lortu behar dugu inguruko langileak eta kaleko jendea bazkaltzera etortzea, kafetegiko jatun kopurua haztea. Baina pixkanaka. Ez dago presarik, ongi egitea da garrantzitsuena". | news |
argia-e6cee4af31b2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/bertso-eskolak.html | Araban euskara biziberritzen | Miel Anjel Elustondo | 2015-06-28 00:00:00 | Araban euskara biziberritzen
Manex Agirre bertsolari eta euskara teknikariaren ikerketaren arabera, hizkuntzaren normalizazioaren bidean, aisialdiko ekintzen artean, ez dago bertso eskola bezalakorik.
Esan izan denez, Arabako erdarazko ozeanoan bertso eskolek egiteko inportantea dute euskara biziberritzeko prozesuan. Manex Agirrek begirada zorroztu eta gehiago jakin nahi izan du, bere buruari galdezka: "Egunerokoan, zertan eragiten dute, benetan, bertso eskolek? Zein da haien ageriko eragina, gazteek euskararekiko duten harremanean?". Erantzun bila osatu du Arabako bertso eskoletako gazteak eta euskararekiko atxikimendua ikerketa, Hiznet 2013-14 Sakontze egitasmoaren barruan burututako lana.
Manex Agirrek aspaldi ezagutzen du barru-barrutik bertso mugimendua. Beraren iritziko, euskararen biziberritze lanetan leku berezia izan duen kolektibo dinamiko eta saiatua da, eta aletxoa jartzen asmatu du euskararen erabilerak Araban duen goranzko joeran. Lanaren egileari jarraiki, "eta eragin hori argiago ikusten da gazteen kasuan", hau da, aztergai izan duen adin tartean, 14-20 urtekoetan, hain zuzen.
Ez bertsozaleak bertso eskolan
Agirreren arabera, ikerketa gauzatu zuen garaian –erran nahi baita, 2013-2014 ikasturtearen amaieran–, hamazazpi bertso eskola ziren Araban. Horietarik bakarra legoke euskarak indar handia duen eremu soziolinguistikoan –Aramaion–, eta honenbestez, erdalgunean leudeke gainerako hamaseiak. Hamazazpi bertso eskola horietan 37 talde daude eta horietarik zazpi ziren Agirreren ikergai ziren adin tarteko kideak zituztenak. Manex Agirrek esango duena: "Zazpi talde, 40-50 bat lagun guztira. Arabarrak, gazteak, eta euskal hiztunak. Neska-mutil talde ederra. Baina, denek dute harreman bera euskararekin? Bertso eskolan izena ematen duten unean, hiztun-hautua egina al dute denek? Euskararekiko etorkizunean izan nahi luketen harremana zehaztuta al dute denek? Ba al dute inguruan dituzten bi hizkuntzen arteko desorekaren kontzientziarik? Sentitzen al dute erantzukizunik, euskararen biziberritze-prozesuari dagokionean?". Galderak eginez batera erantzuten ditu haiek ikerketa honen egileak: Arabako erdalguneko bertso eskoletako gazteak dira "aktiboak, sormenerako zaletasuna dutenak. Euskararekiko nolabaiteko atxikimendua badutenak, baina horretan gehiegi pentsatu ez dutenak. Bertso eskolan izena eman dutenak erakargarri egin zaielako, ondo pasatzen dutelako… eta ez bertsozaleak direlako".
Bertso eskola, zerutik jakina da, bertsoak kantatzeko eta bertsotan egiteko lekua da –gutxi-asko, bederen–, baina Manex Agirreri jarraikiz, erdalgunean esanahi propioa luke: "Oionen bagaude, euskararen bizileku ere bada bertso eskola. Funtzio gehigarri bat betetzen du; gehigarri izan arren, funtsezkoa ere baden funtzioa". Horretan, Agirrek bat egingo du Juan Mari Juaristiren ikusmoldearekin: "Kontua ez da bertso eskolatik bertsolariak ateratzea, hori helburuak gehiegi murriztea litzateke (…). Euskara, bertsotan aritzeko ez ezik, harreman-hizkuntza gisa erabiltzeko indartu behar da lehen-lehenik ingurune erdalduna dugun eskoletan. Ezin da ahaztu guretzat bertsolaritzak betetzen duen euskalduntze funtzioa". Ezinago garbi esana. Euskalduntze funtzioa du bertsolaritzak Arabako erdalgunean. Eta iritzi berean joko du mailua Oihane Pereak: "Erakargarri bakarra ez da bertsoa, huts- hutsean. Erdalgunean ez da bertsoa batzen dituen bakarra: lagunak, beste ezaugarri batzuk... Gure umeek esaten dute: bertso eskolan dagoen jendea bezalakorik inon ez dut ezagutu, ez nire inguruan, ez nire eskolan...".
Atxikimenduaren gorabeherak
Agirrek bertso eskolara sartu zen gaztearen argazkia egin digu eta, haren arabera, gaztelania du ohiko hizkuntza. Hala ere, bertso eskolan euskaraz egingo du. "Eta, gainera, nahiko modu oharkabean egingo du aldaketa hori". Beste toles bat ere badu auzi honek, Agirreren intereseko, gazteez ari baita bera. "Gaztea da. Posible da hizkuntza-hautua finkatzen aritzea une honetan (…). Badu barruan gehiegi erabiltzen ez duen hizkuntza horrekiko atxikimendu bat, berea dela sentitzen du, baina kosta egiten zaio mingaina dantzan jartzea…". Eta hemen dugu Agirreren ikerketak xede duen atala, zeina baita Arabako bertso eskoletako gazteek duten euskararekiko atxikimendua.
Dena dela, hasteko, euskaraz gehiago egiten dute bertso eskolara doazenek. Hala jaso du, behintzat, Agirrek Legutioko eta Zalduondoko bertso eskoletan. Nonbait, erdalgunean bertso eskolara jotzen duten gazteak gaztelaniaz mintzo sartu ohi dira gelara. Barruan, euskarara jo ohi dute; batik bat aldez aurretik elkar ezagutzen ez duten kasuan. "Harreman berri hori euskaraz izango da. Zaila da ehuneko ehun horrela izango dela bermatzea, baina harremana bera egiteko bertsoa izan bada, euskara erantsita dakar, lapatuta". Eta euskaraz egiten ez ezik, euskara bera hobetzen ere lagundu ohi die bertso eskolak ikasleei. Bertsolariak esango digunez, Arabako erdalgunean bertso eskolek egiteko garrantzizkoa dute euskara biziberritzen, zuzeneko eragina, baina ez erabatekoa: "Bertso eskolara doan gaztea ez da, ikasturtearen amaieran, euskal hiztun aktibo bihurtzen, automatikoki. Bertso eskolak ez du bermatzen bertako partaideek ahal duten guztietan egingo dutenik euskaraz". Alabaina, "Gazteak, oro har hizkuntzarekiko, eta bereziki euskararekiko, aurretik zuen harremana aldatzen du bertso eskolak. Bi arrazoirengatik gertatzen da hori: bertsoak, bertso eskolako lan-tresnak, horretarako aukera erakargarriak ematen dituelako; eta bertso eskola bera, espazio gisa, euskararekiko harremana lantzeko gune berezia delako. Euskararekiko atxikimendu pobrea, harreman behartua, erlazio urruna duen gazteak nekez egingo du erabilerarako jauzia. Bertsoak harreman hori aldatzen laguntzen du".
Eta, hain zuzen, bertso eskolara doazen ikasleen harreman horretaz are gehiago esango du Agirrek: "Arabako bereizgarri gisa ere har genezake, bertsoak gazteen arteko euskarazko harremanak saretzeko erakutsi duen gaitasuna. Bertsoa, zerbait bada, modu kolektiboan ulertzen den espresio-bide bat da Araban. Bertsoak bertsokideak esan nahi du, lagunak, harreman estuak. Euskaraz erlazionatzea beste erremediorik ez duen jende-talde espezial bat". Eta, hala eta guztiz ere, hori ez da beti-betiko egia, eta ez da izango ere. "Atxikimenduak gora-beherak izan ditzake: bizitzan gauza asko gertatzen dira, harremanak aldatu, gu aldatu", baina Manex Agirrek ez du zalantzarik, haren ikerlaneko azken hitzetan esan digu: "Zaila dago aurkitzen, erdalguneko aisialdi eskaintzan, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, bertso eskola batek baino arrakastarako aukera handiagoa eman dezakeen eskaintza zehatzik, gaur egun. Ez da uste harro bat. Praktikak erakusten du". | news |
argia-64c9ad1ad28e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/mitologia-zertarako.html | Mitologia, zertarako? | Joanes Etxebarria | 2015-06-28 00:00:00 | Mitologia, zertarako?
Atharratzen laster irekiko dute euskal mitologiaren etxea. Zuzen errateko, turismo bulego berri bat irekiko dute eta etxearen gaineko partea euskal mitologiaren gunea izanen da. Lau artista gaztek osatu Kakots kolektiboa da edukiaz arduratu, Claude Labat ikerlari ezagunaren laguntzarekin. Erran dezadan, gauzak argi uzteko, anaia eta beste hiru lagun direla gazte horiek. Parametro hori kontuan harturik, nahi den bezala har daiteke ondoko ohar hau: edukian eta forman, gune horren zentzuaz konbentzitua naiz, egin dituzten testu, marrazki, bideo eta altzari batzuk ikusi ditudalako. Eta besterik gabe, haiengan konfiantza dudalako.
Baina gune horren erabilpenak gehiago kezkatzen nau. Turismoari norabide berria eman nahi diotela entzuten da azkenaldian, baina beldur naiz interes ekonomikoek baizik ez dituztela aldaketak gidatuko. Mantendu daitekeena datu hau da: gaur egun arte, bisitari kopurutik ehuneko gutxi baizik ez baitira hego Euskal Herriko bisitariak, turismo bulegoak indar guti –edo batere– egin du arreba-anaia euskaldunak erakartzeko. Agian, euskal mitologiaren etxea amu bilakatuko da.
* Joanes Etxebarriak berak egindako Euskal mitologia bideoa . | news |
argia-43ef4bf95a5c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/siria-myanmar-inoizko-errefuxiatu-krisi-larriena-oraintxe.html | Siria, Myanmar... inoizko errefuxiatu krisi larriena oraintxe | Pello Zubiria Kamino | 2015-06-28 00:00:00 | Siria, Myanmar... inoizko errefuxiatu krisi larriena oraintxe
Milioika iheslari bizi dira miseriara kondenaturik II. Mundu Gerraz geroztik gertatu den lekualdatze krisirik larrienagatik. Amnesty International erakundeak eman ditu egoeraren xehetasunak txosten beldurgarri batean, zeinetan kritikatzen baitu munduko liderrek gai honetan darabilten utzikeria. 50 milioi pertsona kasik laguntzarik gabe abandonaturik.
Imajinatu 624.800 errefuxiatu dauzkagula Euskal Herrian azken hiru urteotan iritsiak, zazpi probintziotan bizi garen 3.124.259 lagunetatik bostetik bat. Gipuzkoan sartu 142.000 errefuxiatu kolpetik. 213.000 errefuxiatu Bizkaian. Edo 128.000 Nafarroan, 65.000 Araban, Iparrraldean 56.000... Proportzio horretako eromena bizi dute gaur Libanon, non pilatzen baitira Siriako gerrari ihesi joandakoetatik asko. Bonba bat Europako atarian.
Datuok eta askoz gehiago eskaini ditu Amnesty Internationalek (AI) bere "The Global Refugee Crisis: A Conspiracy of Neglect" (Mundu mailako errefuxiatu krisia: utzikeriaren konspirazioa) dossier gordinean. Munduan etxetik ihes eginik noraezean dabiltzan 50 milioi jendeen tragedia kontatzen du, II. Mundu Gerraz geroztik planetak ezagutu duen exodo masiboenaren kopuruak, zergatiak eta ondorioak aurkeztu ditu AIk eta hauek arintzeko berehala hartu beharreko neurriak proposatzen.
Txostena krisiaren epizentroan, Beiruten, aurkeztu du Salil Shetty Amnesty Internationalen idazkari orokorrak: "Geure begiz ikusten dugu aro honetako errefuxiatu krisirik okerrena, milioika andre, gizon eta ume bizirauteko borrokan gerra izugarrien, pertsonekin trafikatzen duten sareen eta gizalegezko errukia erakusteko ordez interes politiko berekoiak zaintzen dituzten gobernuen artean".
Une honetan larrialdi nabarmenena Siriatik ihesi joandako lau milioi errefuxiatuek bizi dute. Horiek dira muga zeharkatu duten herritarrak, zeren eta mugen barruan lekualdatu direnak kontaturik siriarren erdia omen dabil oraintxe bertan nor bere sorterritik alde eginda.
Atzerriratutako siriarren %95 inguruko herrialdeetan dago blokaturik. Libanok gaur dauzkan bost biztanletik bat siriar errefuxiatua da. Libano, Turkia, Irak, Jordania eta Egiptok beren gain daramate jendeok nola edo hala aterpetzeko zama zeren eta, ekainaren 3ko datuak kontatuz, AIk dioenez Nazio Batuen Erakundeak ezin izan du %24an baino gehiagotan ase errefuxiatuontzat eskatu zaion laguntza eskea.
Munduko gainerako herrialdeek soilik 8.442 siriar hartzeko eskaintza egin dute... NBEn errefuxiatuen babeserako erakundeak zentsatuta dauzkan eskarien %2,2! Nazioarteak iheslarion behar humanitarioak konpontzen aski lagundu ez dutenez, jendetza izugarri hori etxean hartu duten estatuak hasi dira horiei sarbidea oztopatzen.
Baina beti dago gauzak okerragotzeko aukera. 2015 honetan NBEren elikadura programak herrialde horiei %30ean murriztu die laguntza. Libanon 1,2 milioi siriarren artean egoera ahulenean bizi diren 900.000 iheslarietako bakoitzak orain hilean 19 dolarreko laguntza jasotzen du, lehen eskuratzen zituzten 27en ordez. Jordaniako hirietan babestutakoei hileko 14 dolarretara jaitsi diete janaritarako laguntza. Bizirauteko, goseak gelditzeaz gain, herrialdeotan aurkitu ditzaketen lanik txar eta arriskutsuenetan jardun beste biderik ez dute.
Errefuxiatuen Itunak porrot
Afrika da AIrentzako bigarren kezka iturri nagusia. Hiru milioi errefuxiatu dabiltza noraezean Sahararen hegoaldean. Horietako asko azken urteotako gerretatik ihesi joanak dira: Hego Sudan, Nigeria, Burundi, Afrika Erdiko Errepublika, Kongo, Somalia... Munduko errefuxiatu kanpaleku handiena Keniak dauka, Daab izenekoa.
Hala ere, Afrikako iheslariek ez dute mundu aberatsaren arreta handirik pizten, ez behintzat ez badira iristen patera eta antzeko ontzietan itsasoz Europako itsas hegiraino. NBEk errefuxiatuak direlakoan proposatutako babes eskaeretatik oso gutxi lortzen ditu, %10 inguru. Iheslariok Afrikan bertan eraso xenofoboak jasan dituzte.
Ahal izan duten iheslari afrikarrak Mediterraneo itsasoraino heldu eta hau zeharkatzen ahalegindu dira, azken hilabeteotan famatuak egin diren txalupetan. AIk argi eta garbi dio Mediterraneoan gertatu diren hondoratze eta itotze masiboen erantzukizuna dagokiola Europak eta Italiak itsasoan galduentzako zeukaten Mare Nostrum operazioa ezabatu eta operazio txikiago batez ordezkatzeari.
Afrikako eta Siriako krisiekin alderatuta kopuruetan txikia dirudien arren Asian Bengalako golkoan 2015ean gertatzen ari dena, AIk hau ere nabarmendu nahi izan du gaur mundu osoko agintariek erbesteratuen aterpetzeko derrigortasuna zangopean zein erraz erabiltzen duten adierazgarri. Rohingya etniako 25.000 jende ibili dira Myanmar eta Bangladeshetik ihesi Tailandiara iritsi nahian, itsaso zabalera kondenaturik, inork ez zituelako etxean hartu nahi.
Maiatzean bertan oraindik 8.000 zeuden Tailandiako kostako parean txalupetatik lehorreratzea galarazita. Batean 800 pertsona bapore zahar batean, bestean 300, ez janaririk, ez urik, ez erregairik, are gutxiago sendagairik. Tailandia, Indonesia edo Malaisiako armadek gehienez ere bizirauteko jan-edanak eman dizkie, baina kostara hurbiltzeko baimenik ez. Migrazioen Munduko Erakundeak sarkasmoz maritime ping-pong bataiatu duen taktikaz.
Amnesty Internationalek dossierrean nabarmendu du Mediterraneoan, Afrikan eta Bengalako itsasoan gertatzen diren heriotza ikusgarriak ez direla inolako gatazkaren ondorio, nazioarteko erakundeek eta estatuetako agintariek aurreikusi eta prebenitu zitzaketen gertakizunak baizik.
"Errefuxiatuen krisi handi hau –dio AIren txostenak– ezin da aurkeztu giza trafiko eta kontrabando arazo bat bailitzan, beren huts egiteak ezkutatzeko gobernuek egiten duten moduan". Gatazken garrantzitik harago, nazioartea ari da huts egiten arriskuan dauden iheslariei babesa emateko orduan.
"II. Mundu Gerraren amaieran nazioarteak antolatu zuen NBEren Errefuxiatuei buruzko Ituna, etxera itzultzerakoan jazarpena eta desmasiak jasan zitzaketen herritarrak laguntzeko". AIren ustean Itun horrek babesa eman die dozenaka milioika jenderi geroztik. Itunak oinarritzat dauka nazioartearen erantzukizuna eta kosteen konpartitzea, ulertuz errefuxiatu krisiak ez dituela bere bizkar hartu behar herrialde bakar batek edo bakan batzuek. "Itunaren oinarri honi gaur egun ezikusia egiten zaio, horrek dakartzan ondorio beldurgarriekin. Iheslarientzako nazioarteko babes sistema txikituta dago gaur".
2020a artean urtero 300.000 errefuxiatu aterpetu beharko omen dira. Aurretik nazioarteko itunak biziberritzen ez badira, legez ezinean legez kontra sartu beharko dute. | news |
argia-25a591f12794 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/eskola-txikien-festa.html | Etekin ekonomikoei muga | Estitxu Eizagirre | 2015-06-28 00:00:00 | Etekin ekonomikoei muga
Festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera. "Orain arte gurpilak eraman gaitu" aitortu dute Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakari Nagore Iñurrategik, eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den Mikel Goñik. Gurpil zoroa haustea erabaki dute: etekinik gabeko festa izango da aurrerantzean. Nola ase, orduan, Eskola Txikiek dituzten premiak?
Ekainaren 14an Gabirian ospatu zen festa hartuko da oinarri aurrerantzean. Gogoeta fase baten emaitza izan da berau. Nagore Iñurrategik kontatu digunez, "duela hiru urte zailtasunak ikusi genituen festari aurre egiteko, hartzen zituen dimentsioengatik alde egiten zigun. Herriek ez zuten ilusiorik festa antolatzeko, zama gisa ikusten zuten eta horrek jada alarma denak piztu zituen. Duela bi urte, batzarrean planteatzera iritsi ginen festa egiten jarraituko genuen ala ez! Jarraitzearen alde agertu zen batzarra, baina aldaketari eutsiz". Mikel Goñik azaldu du irakasleek ere aldaketaren beharra sentitzen zutela. Komunikabideek, ikastolen festen logikari jarraituz, irabazitako dirua zertan inbertituko zuten galdetzen zieten, "eta hori ez zen bultza nahi genuen festa eredua". Iaz hasi ziren irakasle eta gurasoen artean adostutako puntuak dokumentu batera ekartzen. Pixkanaka arautegi bat zehazten ari dira, festa guztietarako oinarri izango dena. Hurrengo ikasturte hasieran bozkatuko dute berau.
Etorkizuneko festaren oinarriak
Goñik aurreratu bezala, izaera publikoa izango da ezaugarri nagusietakoa: "Guk ez dugu beste irtenbiderik, dugun neurrirako publikoak izan beharra daukagu, eta festak horren baitakoa izan behar du. Diru etekinak ateratzen direla? Bada datorren urteko festarako erabili daitezke, baina helburuak ez du hori izan behar". Iñurrategik sare guztiaren izaera nabarmendu beharra sumatu du: "Antolatzen duen herriak bere herriko festa balitz bezala bizi izan du. Noski herriak berak garrantzi handia hartzen duela eta protagonista dela, baina Eskola Txikien Festa da, eskola txiki guztiak ordezkatzen dituena".
Nola eramaten da filosofia festara?
Iñurrategik azaldu du teoria eta praktikaren arteko arrakala: "Ideia-tegian denok egon gaitezke ados: elkartzea dela nahi duguna, hemen gaudela aldarrikatzeko... baina festa antolatzerakoan ateratzen dira beldur ekonomikoak, eta gainerakoak". Gabiriako festak izan duen aurrekontua oinarri hartzeko egokia dela diote, Gabiriakoa bailitzateke "festa garestiena": Gabiriak ez dauka aterperik, iristeko garraioa jarri behar da... Iñurrategiren hitzetan, "gure asmoa da azpiegituren oinarrizko diru kopurua markatzea, baina urtero aztertuko dira lekuan lekuko beharrak. Ekitaldian, aurten goizeko ekintzak jolasak izan dira eta arratsaldean ikuskizun bat (zirkua)".
Kamiseten salmenta ere mugatzearen alde egin dutela azaldu du Goñik: "Kamisetena azken urteetan tentsio karga bihurtu zen. Helburua ez bada diru etekina, zertarako hartu hainbesteko lana, hara eta hona joanaz saltzera? Kamisetak diru sarrera modu bat izan daitezke, baina beste bide batzuk ere badaude". Iñurrategi kamisetek betetzen duten funtzioaz mintzo da: "Ikusarazteko balio dute, publizitate mugikorra dira. Bada identitate kontu bat, oporretara joan eta 'aiba! Eskola Txikitakoa!' pozik topo egiten dugu. Salmentak badu zentzua Gipuzkoan, bailara batzuetan; ez gara geratuko gure herrian bakarrik! Baina hortik aurrera mugatu egin dugu". Etekinak hizpide, Iñurrategik faktore garrantzitsu bat aipatu du: "Aurrekontuetan baita ere kontabilizatu nahi ditugu kobratu gabe egiten diren lanak, zeren gure festak borondatezko lanean oinarritzen dira, eta irabaziak hortik datoz".
Nola daude eskola txikiak?
Eskola Txikiak publikoak izanik ere, batzuetan beharrak izaten dira –eraikinak egoera kaxkarretan daudelako, udalek oso aurrekontu txikia dutelako...–; eta duten neurriagatik etengabe ari dira irauteko lanean: kasu gehienetan, eskola berriak ireki edo mantendu dira herritarren ekinaren ondorioz, ez zuzenean administrazioak jarri dituelako. Festako diruak ez du erresistentzia kaxa funtzioa ere betetzen? Goñik hala erantzun du: "Eskola Txikietan beharrak baditugu, baina beste bide batzuetatik jorratu behar dira, ez da festa baliatu behar horiek asetzeko dirua lortzeko. Administrazioarekin harremanak mantentzea oinarrizkoa da. Administrazioaren inplikazioa bilatu behar dugu. Ni irakasleen koordinatzaile nagoen denboran sentitu dut administrazioa prest dagoela bide horiek jorratzeko, hitz egiteko... nahiz eta momentu batzuetan bere mugak jarri dituen". Adibideak jarri ditu: "Ezkio-Itsason eskola jarri dute eta beste leku batzuetan, adibidez Gatzagan ez dute zabaltzen utzi Lehen Hezkuntzako gela". Administrazioaren inplikazioa lortzen ez denean, bestelako bideak jorratu izan direla kontatu du: "Lizartzan euren burua oso estu ikusi zutenean, bertako gurasoak protestan hasi ziren eta eragina izan zuen. Arroakoak eta Oikiakoak ere bai, Alkizakoak ere ari dira... Ea horrela egoera onera ekartzen ditugun guztiak".
Ikuspegi orokorretik, eskola txikien egoera oso ona dela ziurtatu du: "Batzuk badaude, ordea, oso gaizki. Beste eskoletan dabiltzan irakasleekin alderatuta, eskola txikietako irakasleek abantaila handiak ditugu haurren heziketaz arduratzeko. Zenbait kasutan zailtasunak ere baditugu, dauden irakasleak mantentzeko, eta horretarako esfortzuak egin behar ditugu. Aurten, adibidez, zenbait ate itxita topatu ditugu, beraz, badugu bide bat egin beharra berriz ere administrazioarekin eta baita irakasleon artean ere: metodologia lantzeko, gurasoekiko harremana lantzeko... Gai horiei heldu behar diegu".
Adierazi dute festako arautegia osatzeko beste arrazoietako bat horixe izan dela, eskola txikien sarean irakasle eta gurasoen arteko harremana asko zentratu izan dela festaren antolaketan, "festako tentsioan". Tokian tokiko gaiei heldu nahi diete aurrerantzean, zeren Iñurrategiren hitzetan, "eskola txikien arazo nagusia ezin da festa izan. Aipatu diren arazoak koordinadorari dagozkio". Aurreratu duenez, "festaren gogoeta egin ondoren, koordinadoraz gogoeta egitea tokatzen da. Harro egotekoa da Gipuzkoan hainbeste eskola txiki izatea, bakarretarikoak gara bizitasun hori mantentzen dugunak. Eskola txikitako gurasoen aldetik, Euskal Herrian bakarretarikoak gara hain ongi antolatuta gaudenak. Koordinadorak potentzial handia du, hileroko dinamika sendoa. Eta koordinadoraren balioaz jabetu eta bere indarra gehiago baliatu behar dugu. Duen funtzioa berreskuratu behar dugu. Hori dugu etorkizuneko erronka". | news |
argia-706c8c3b2d58 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/euskal-antzerkia.html | Loraldi kolektiboa | Kepa Matxain | 2015-06-28 00:00:00 | Loraldi kolektiboa
Zerbait gertatzen ari da. Instituzioetatik urte luzetan bultzatu den kultur ereduak ez diela balio ohartuta, gero eta gehiago dira periferiatik bestelako formulak probatzen ari diren antzerki konpainiak. Talde lanean ari dira, eredu horizontalagoa aldarrikatuz. Horietako hiru laguni –Itziar Eliasi, Eneko Sagardoyri eta Ainara Gurrutxagari– galdetu diegu egungo antzerki panoramaz, dituzten zailtasunez eta erronkez.
Mugimendua sumatzen da euskarazko antzerkian azken urteotan. "Jende asko ari da gauzak esan nahian, eta publikoa, berriz, hartzeko gogoz. Indar handiko unea da", dio Dejabu Panpin Laborategiko Ainara Gurrutxagak. "Periferian lore asko daude eta, orain, agian, haiengan jarri dugu arreta", dio Lauka Teatroko Eneko Sagardoyk. Ez da proposamen artistikoei buruz bakarrik ari. Lan moldeetan ere garai emankorra da euskarazko antzerkian. Lekua eta errekonozimendua irabazten ari da lan egiteko modu kolektiboa. Loraldi hori ez da hain bistakoa agian, baina bai funtsezkoa, Sagardoyren ustez. Itziar Eliasi, berriz, iruditzen zaio, urtetan kanpora begira egon ostean, "gureak direnak gure hizkuntzan sortzen" hasi dela berriro euskal antzerkia. "Dauden eskaintza gehienak taldean sortuak dira, edo euskal sortzaileren batek, literaturatik, musikatik, etxetik abiatuta". Horretan ere aldaketa nabari du.
Hiruretan gazteenak, Sagardoyk, duela bi urte sortu zuen Lauka Teatroa, beste hiru lagunekin batera. Taldearen filosofiaz hitz egitea zail egiten zaion arren, ideia batzuk garbi dituzte: taldeko behar artistiko eta pertsonalak entzun, eta horien arabera sortzen dituzte obrak, merkatuari asko erreparatu gabe –bai, ordea, publikoari–; sormen prozesua kolektiboa da; euskaraz egiten dute antzerkia, eta, aberastu ez, baina antzerkitik bizi nahi dute. Erreferente dituzte, besteak beste, Durangoko Karrika Antzerki Taldea, Artedrama, Kabia Laborategia, Dejabu Panpin Laborategia eta Metrokoadroka. Eliasek ere talde lana du oinarri, eta, une honetan, euskal antzerkian, Dejabukoek liluratzen dute gehien, "obrak sortzeko eta kontatzeko duten moduagatik". Gurrutxagak azaldu du nolakoa den modu hori: "Antzerkia ulertzen dugu arte bizi bat bezala eta, beraz, laborategia behar genuen. Era berean, ohartu ginen antzerkia oholtzan sortu behar genuela. Euskal antzerkia oso intelektuala zen orduan, baina indarra falta zuen. Guk sentitzen genuen esperimentazioaren bidez sortu behar genuela. Azkenik, kolektiboki lan egin nahi genuenez, ezinbestekoa zen konpainia modu berezian antolatzea, ahalik eta era horizontalenean". Horra Dejabukoen mezua: sortzaile izatea, ez soilik antzezlanetan, baita lan egiteko moduan eta konpainiaren egituran bertan ere. Eta horretarako, nagusi den profesionaltasun ereduari egin behar zaio aurre.
Instituzioak, historiaurrean
Gurrutxaga kritiko da instituzioetatik bultzatu den kultur ereduarekin, eta gainontzeko diziplinei bezala, antzerkiari ere izugarri eragin diola iruditzen zaio. "Hemen ez da jakin izan kudeatzen arteak eta kulturak gizartean behar duen tokia. Baldintza berdinak jartzen zaizkio torlojuak egiten dituen bati eta antzezle bati. Zure enpresa egin behar duzu, eta enpresak diruz bideragarria izan behar du. Irabaziak badituzu ondo, bestela agur. Hor geratu gara".
Oraindik enpresa egiturako konpainiek baino ez dituzte jasotzen diru-laguntzak Hego Euskal Herrian –Ipar Euskal Herrian bestelakoa da egoera–. Gurrutxagak uste du, ordea, antzerki enpresa gehienak sistema horren biktima bihurtu direla. "Diru-laguntzak eskuratzeko, sartu dituzte beren egituretan administrariak, banatzaileak… eta horrek ito egiten zaitu". Hala ere, antzokietan inor nagusitzekotan, konpainia horiek nagusitzen dira. "Loraldia diogunean ari gara piztualdi kreatibo batez, egiteko modu desberdinez, baina, gutxi batzuk salbu, jende hori oraindik ez da antzokietako zirkuitu ofizialetan sartzen". Horren aurrean, Dejabukoak beste konpainiekin elkartu izan dira urteotan. Artedramarekin eta Le Petit Théâtre de Pain-ekin elkarlanean sortu dituzte bi obra – Errautsak eta Hamlet –, eta antzokiak bete zituzten. Salbuespena dira, ordea.
Instituzioen hautaketa irizpideek ere eredu bakar bat indartzen dute, Gurrutxagaren irudiko: "Normalean konpainia handienak laguntzen dira, kanpora begira saltzen dutenak, guztientzako antzezlanak egin ditzaketenak. Era berean, emanaldia bultzatu da, sormena beharrean. Hemen funtzionatzeko modua izan da: zure produktua erosten dizut antzoki batean egiteko. Baina, aldiz, ez dute utzi guk kudea ditzagun espazioak". Hala ere, bururatzen zaio azkenaldiko eredu egoki bat: Zubi deialdia. 2012an hasita, hainbat udaletako kultur kudeatzaileak euskal antzerkia bultzatzen ari dira, urtero sortzaile berriak lagunduz. Iaz Lauka Teatroari eman zioten diru-laguntza, eta horri esker ari dira orain Amodioaren ziega obra eskaintzen. "Zubi bezalako laguntzak behar ditugu", dio Sagardoyk. "Instituzioek sorkuntza bera ezagutu behar dute. Hitz egin behar dugu. Guretzat haiek zementuzko mamotreto itxiak diren bitartean, gu haientzat produktu hutsak izango gara. Gauza asko ditugu apurtzeko, eta batez ere sortzeko".
Egiturak baldintzatuta
Eliasen kasua berezia da: ez da antzerkia egiteko sortu den talde bateko kide. Alderantziz, antzezlan baten bueltan bildu den talde bat da beraiena. Berak istorio bat kontatu nahi zuen, eta zinemara jo zuen hasieran. Horrela ezagutu zuen Izaskun Arandia produktore eta gidoilaria. Gero, zinemako gidoia oinarritzat hartuta, istorioa antzerkirako moldatzen hasi zen. Antzokietan dabil orain, baina administrazio kontuak Arandiaren IZAR Films enpresak egiten dizkio, eta zortekotzat du bere burua.
Gurrutxagaren Dejabu eta Sagardoyren Lauka berriz, kultur elkarte dira egituraz. Diru gutxien eskatzen zien egitura dela azaldu du Sagardoyk. "Enpresa izateko diru-sarrera jakin batzuk beharko genituzke, diru asko. Ezingo genuke mantendu. Ez da hautu pertsonala izan, nahiko behartuta sentitu gara". Gurrutxagak antzera uste du: "Enpresa sortzeak eskatzen du lantaldean administrazio lanetarako norbait finko edukitzea. Paperak egin, diru-laguntzak eskatu… Guk ez genuen gure burua horretara lotuta ikusi nahi". Kultur elkarte izateak baditu abantailak: diru sarrera gutxirekin eta ezegonkorrekin aurrera egin daiteke nola edo hala. Aldiz, egitura hori edukitze hutsagatik ezin dituzte diru-laguntza asko eskatu: Eusko Jaurlaritzak ekoizpenerako ematen duena edota antzerki konpainien bi urteko jarduna sustatzen duena, kasurako. Gainera, Jaurlaritzak antzokiekin hitzartutako zirkuitutik kanpo gelditzen dira, arrazoi berberagatik. Frantziako legedia bestelakoa denez, Ipar Euskal Herrian laguntzen dituzte kultur elkarteak, eta horri esker jaso zuten Dejabukoek diru-laguntza txiki bat Arrastoak lanerako.
Esperimentaziorako unea
Euskarazko antzerkia une gozoan bada ere, asko dira aurrera begirako erronkak. Eliasi bururatzen zaizkio batzuk: lana euskaraz egiteko duten eskubidea, aurretik egindako guztiaren memoria berreskuratzea, eta, batez ere, ikusleak heztea. Sagardoyk, ostera, sare baten falta sumatzen du: "Ez gaude ondo lotuta. Soltean ibiltzen gara, han eta hemen indarrak metatuz. Nazio mailan ez daukagu proiektu solidorik gure kezkez, lan egiteko moduez edo proiektu bateratuez hitz egiteko". Komunitate emankorra baina oso disolbatua da euskarazko antzerkiarena, bere ustean.
Hizpidera ekarri du Dantzerti, datorren ikasturtean zabaltzekoa den antzerki eta dantza "unibertsitatea". Urtetan antzerki eta dantza profesionalean euskaraz formatzeko hutsune handia egon dela iruditzen zaio, eta garaia dela euskara erdi-erdian jartzeko. "Berri ona da eskolarena, baina hor ere borrokatu beharko dugu euskaraz jarduteko, euskal aktore eta dantzari profesionalak hezteko".
Gurrutxagak ere ikusten ditu aldatu beharreko kontuak. "Kultur sistema burokratizatuta dago, oso eskema zaharretan funtzionatzen du eta eskema horren hormak hormigoi lodikoak dira. Dinamita dezente beharko dugu hori zartatzeko. Baina hau da unea esperimentaziorako, asmatzen saiatzeko nola nahi dugun bizi kultura, artea eta gizartea". Aldatu nahi luke, orobat, espazio publikoekin gertatu ohi dena: "Ohitu gara espazio publikoak pribatuak balira bezala kudeatuak izatera. Udal batek izan dezake antzoki bat, baina hor sartzeko bost orrialdeko eskaera bete behar da, ordu jakin batzuetan soilik erabili daiteke… Zergatik ez utzi herritar talde baten esku?". Badu azken erronka ere: "Kulturan gabiltzanok ere gure ekonomiak sortu behar ditugu. Beti izan gara estatuaren menpeko. Diru-laguntzak jasoz gero ongi, eta bestela ez gara existitzen. Bada ez. Pentsa dezagun ea nola arraio bizirauten dugun antzerkitik, kulturatik. Eralda dezagun ekonomiatik ere". | news |
argia-7a8eec3ccc76 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/fukushiman-lanak-atzeratzen.html | Fukushiman lanak atzeratzen | Joxerra Aizpurua | 2015-06-28 00:00:00 | Fukushiman lanak atzeratzen
Gero eta informazio gutxiago heltzen zaigu Fukushimako zentral nuklearraren egoeraz. Berriki, hainbat kazetariri inguruko menditxo batetik zentrala ikusteko aukera eman diete; aldi berean, TEPCO enpresa kudeatzaileko teknikarien azalpenak jaso dituzte.
Kazetariei emandako informazioaren arabera, zentralean 10.000 langiletik gora ari dira garbiketa eta kontrol lanetan. Sei guneetako batean txapela edo estalkia jarri nahian dabiltza; etenik gabe gune horietako bihotzetara ura botatzen dute, baina ez dago garbi norantz joaten den ur hori. Bestalde, aurreikusita zegoen 2017rako gune bateko erregaia ateratzea, baina prozesu hori gutxienez hiru urtez atzeratuko dute. "Ez dugu teknologiarik horretarako", argudiatu du TEPCOk. | news |
argia-975c06a66e4a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/jose-maria-pitarke.html | "Zientziaren garapena geldiezina da" | Sustrai Colina | 2015-06-28 00:00:00 | "Zientziaren garapena geldiezina da"
Elkarrizketa = (Esan+ Entzun)²
Zientzialariaren formula?
Zientzialariak lan nekaezina egiten du, korapiloak askatu eta askatu, tunelaren bukaeran argia ikusi arte. Ikertzen ari dena ulertzea du helburu, asmatu, jakintza berria sortu, eta behin tunelaren amaierara iristean, kateatzen zaizkion korapilo berriak desegin arte ez du etsiko. Ez da ikaratuko ustekabeen aurrean. Alderantziz, espero ez zuena aurkitzen badu, askoz hobeto! Horretarako jakin-mina da bere motorra. Jakin-mina eta derrigorrezko puntu obsesibo bat. Niels Borh-i, mekanika kuantikoaren aitari, bere ekarpen itzelaz galdetu ziotenean, "egun osoan, hori baizik ez daukat buruan. Nola ez dut asmatuko?" eman zuen arrapostu. Izan ere, gure lanak ikerketaren eboluzioan eragina izatea nahi dugu, beste erronka batzuei aurre egin ahal izateko erabilgarria izatea. Errekonozimendu hori nahi dugulako gara lehiakorrak. Helmugara aurrenak iristea gustatzen zaigu, gure artikuluak aldizkari ospetsuenetan argitaratuta ikustea. Horixe da besteengan eragiteko baldintza.
Helmugara bidean, kontziente zarete esku artean duzuenak gure bizimoduan ukan dezakeen eraginaz?
Jakin-minak gidatzen gaitu, ez hainbeste esku artean dugunaren aplikazioak jendartean suposatu dezakeenak. Batzuetan susmatzen dugu, besteetan ez. XX. mende hasieran mekanika kuantikoa garatu zutenek ez zekiten egungo elektronikaren oinarria jartzen ari zirenik, eta begira orain zenbat trepeta daukagun inguruan. Mekanika kuantikorik gabe ez legoke telefono mugikorrik, baina mekanika kuantikoa asmatu zutenek ez zuten sakelakoa buruan. Epe luzera begira lan egiteak erantzunekin baino, galderekin aritzea esan nahi du. Horregatik behar ditugu galdera berriak erantzunak aurkitu orduko. Horregatik dira aplikazioak oinarrizko ikerketak jendartera eramateko bidea. Iraganeko ikerketaren aplikazioak ere bilatzen ditugu. Aplikazioak eta dibulgazioa. Hala, zure galderari buelta emanez, kontziente da jendartea esku artean daukagunak bizimodua aldatu dezakeela?
…
Egia da jendarteak paso egiten duela zientziaz. Egia eta normala. Hala ere, jendarteak positiboki hartzen du zientzia, badaki garrantzitsua dela, zientziak teknologia dakarrela. Esaterako, denek dute argi gaixotasunen aurka ikertu behar dela. Gurea bezalako alorretan nekezagoa da premiak ikusaraztea, hizkuntza bera konplikatua da, eta ulertzen ez denari ez zaio kasurik egiten. Hori hala, ezinbestekoa da dibulgazioa. Zientziak eragin itzela du gure egunerokoan, teknologiaz inguratuta bizi gara, eta jendarte bezala hartu beharreko erabaki askoren atzean zientzia eta teknologia daude. Nola hartuko ditugu erabaki zuzenak kultura zientifikorik gabe? Behin eta berriz errepikatzen zaigu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleengan bokazioak piztu behar ditugula, ikasleak geureganatu, baina hori baino garrantzitsuagoa da denei gutxiengo kultura zientifikoa txertatzea. Hortxe egiten dugu huts. Ez daukagu kultura zientifikorik.
Horregatik zaudete hedabideetan agertzeko aurkikuntza miragarrietara kondenatuta?
Hedabideetan zer agertzen da? Kirola, politika... Jendeari zer gustatzen zaio? Ulertzen duena. Kirola ulertzeko ez da askorik behar, denoi iruditzen zaigu politika ulertzen dugula, baina zer gertatzen da matematikarekin? Ulertzen dutenei gustatzen zaie eta ulertzen ez dutenek gorroto dute. Horregatik da zaila guretzat hedabideetan sudurra sartzea. Hedabideek inpaktua nahi dute, eta ulertzen ez denak nekez inpaktatzen du. Jendeak kasu egitea nahi badugu ulergarriak izatea dagokigu, eta horretarako zientzialariaren eta kazetariaren arteko elkarlana behar da. Ikerlariaren lana hitz xumez itzultzeko ardura zehazten ez dugun arte, haize-kontra ariko gara.
Zientziak teknologia dakar eta soluzioek arazo berriak. Olatuan dena da haize-alde?
Alderdi praktikotik erreparatuta, orain ehun urteko bizimodua ez zen humanoa. Zoriontasuna, ongizatea, edo bizi ahal izateko aukera bera bakar batzuen esku zeuden. Gehien-gehienentzat oso gogorra zen bizimodua: erreketan baino ez zegoen urik, gaixotasunak izurrite bihurtzen ziren, bizi-esperantza laburragoa zen... Zientzia eta teknologiari esker leundu dira arantzak, borobildu ertzak, eta orain ehun urte baino bizimodu samurragoa dugu. Horrek ez du esan nahi, ordea, arazo guztietatik salbu gaudenik. Ekarpen eta tresna berriek onura nabarmenak dakartzate, baina oker erabiltzeko arrisku galanta ere bai. Esaterako, garaiotan, teknologiaren erruz naturarekiko oreka kolokan egon daiteke. Horregatik azpimarratzen dut kultura zientifikoaren beharra. Horrek babestuko gaitu arriskuetatik. Zientzia eta teknologia ezagutzeak zientziaren abantailak hobeto probesten lagunduko digu, arriskuetan ito gabe.
Erakunde eta agintariak jabetzen dira horretaz?
Munduko herrialde aurreratuenek beti izan dituzte zientzialari bikainak. Erresuma Batuan, Alemanian, AEBetan, puntako ikerlariak estimatuak dira oso. Ez da kasualitatea, zientziaren aldeko apustua egin duten herrialdeak dira aurreratuenak, eta aurreratuenak izanagatik, zientziaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute. Zientzia guztiona da, baina bakoitzak erabakitzen du trenaren lehenengo, erdiko edo azken bagoian joan. Orain berrogei urte, hemen ez zegoen zientzietako unibertsitaterik. Ingeniaritza eskola zegoen, ikasketa ekonomikoak, baina zientzietan basamortuan genbiltzan. Eskerrak, azken hogei urteetan Eusko Jaurlaritzak zientziaren alde egin duen. Egun, zientzialari onak dauzkagu, garrantzia eta gorputza hartzen ari diren ikerketa zentroak. Tradizioa da falta zaiguna. Esaterako, Erresuma Batuko unibertsitate eta ikerketa zentro askok jende xeheak emandako mezenasgoarekin osatzen dute aurrekontuaren zati bat. Gurean, pentsaezina da hori. Alabaina, erakundeek zientziaren alde egiten segiz gero, tradizioa errotzen joango da, eta baliteke jendeak mentalitatea aldatu eta zientziaren ezinbestekotasuna barneratzea. Urteak beharko dira, baina seinale ona litzateke horretara heltzea.
Finantziazio pribatua heltzeko ere urteak beharko dira?
Ez gaude beste herrialde batzuen parean. Nik erraz esan dezaket enpresek dirua jarri behar dutela, baina enpresariek bestela ikusten dute auzia. Zintzoki mintzatuz, AEBetako enpresek ikerketarako euren dirua jartzen dute, hemengoek Jaurlaritzatik lortzen dutena batez ere. Oso zaila da hemengo enpresa batek bere txanponak ikerketan inbertitzea. AEBetan, sinetsita daude inbertsio hori berreskuratuko dutela, euren enpresarako ona izango dela. Horretan ere mentalitate aldaketa behar dugu. Izan ere, gurea bezalako ikerketa zentroak ez dira soilik enpresen beharrei epe motzera erantzuten dieten eragileak, epe ertain-luzera garapen ekonomikoaren agente garrantzitsuak izan daitezke. Horixe da AEBetan gertatzen ari dena. Horretarako, ordea, enpresek gure aldeko apustua egin behar dute. Eta guk enpresen aldeko apustua egin behar dugu.
Ikerketa zentroez ari gareno, zein bisio duzu nanoGUNE-z?
Punta-puntako ikerketa zentroa izan nahi dugu, nanozientzian mundu osoan ezagunak eta erreferenteak izan. Egiten dugunagatik kokatu gaitzatela mapan, gure ikerketen emaitzek beste batzuen lanean eragin dezatela. Oro har, oinarrizko ikerketa zentro batentzat helburu horiek aski eta sobera izan arren, nanoGUNEk eragina izan behar du garapen ekonomikoan, hemengo enpresengandik errekonozimendua eta onarpena jaso. Bertako enpresek euskal jendartearentzat errentagarria den zentrotzat ikus gaitzatela, gure ahalmenei esker ekonomia mugitzeko gai garela ohartu daitezela. Horretarako, garbi izan behar dugu ezin garela alor guztietan lehiakorrak izan eta gure lan eta aukerak egoki zedarritzeak seinalatuko dizkigula nor izateko zirrikituak. Nanozientzia diziplinen arteko elkarlana eskatzen duen eremu zabal eta sakabanatua izanik, txikiaren erronka handia da hori.
Grafenoa da zuen zirrikituetako bat.
Karbono atomoz osaturiko geruza bakarra da grafenoa. Atomo bakarreko lodiera du, irudikatu dezakegun objekturik meheena da, paper-orria baino milioi bat aldiz meheagoa. Grafeno xaflak elkarren gainean metatuz, arkatzetan ezagutzen dugun grafitoa lortzen da. Oraintsu arte, ordea, ez genuen uste xafla bakar bat modu egonkorrean isolatu zitekeenik, 2004an, Manchesterreko unibertsitateko zientzialariek posible zela frogatu zuten arte. Orduan, denok hasi ginen grafenoa ikertzen, material bakarrean propietate izugarriak biltzen dituelako. Malgutasun itzela du, ez dago bera baino material sendoagorik, eroale termiko onena da, grafenoaren elektroi-higikortasuna egun erabiltzen dugun silizioarena baino ehun aldiz handiagoa da, garden-gardena.... Marka guztiak hausten ditu. 2009an asmatu zen grafenoa ekoizteko metodo industrializagarria, eta handik gutxira hartu genuen Graphenea sortzeko erabakia, grafenoa ekoitzi eta saltzen duen enpresa. Ez genuen horrelakorik aurrez pentsatu, baina inbertsore bat asmo horrekin hurbildu zitzaigunean, ezagutza, alor horretako ikertzaile onentsuenak eta puntako azpiegitura genituela jabetu eta parada ikusi genuen. Graphenea Europako grafeno ekoizle onena da egun eta mundu mailan punta-puntan dago. Zergatik eman ahal izan genuen pausoa? Grafenoaren ikerketan ongi kokatuta geundelako, lehiakorrak ginelako, eta batez ere, zirrikitua ikusi genuelako.
Zertarako balio du grafenoak?
Oso material baliagarria da, sendoa eta pisu gutxikoa. Pentsa, lauzpabost grafeno gramorekin futbol zelai oso bat estaliko genuke. Elektronikan, oso epe luzera, gerta liteke txip guztiak grafenozkoak izatea. Epe laburrean, ukipen pantailetan topatuko dugu. Material eroale eta garden oso gutxi daude, eta egun erabiltzen duguna urria da. Hori berandu baino lehen ikusiko dugu. Oraingoz, ordea, grafenoa teniseko erraketetan eta tinta eroale batzuetan baizik ez dago merkatuan. Gurea bezalako zentroek zein industriak ikerketarako erabiltzen dute. Nokia, IBM, Philips eta abar grafenoari bueltaka dabiltza eta Graphenearen bezeroak dira. Horrexegatik diot, goiz ala berant, grafenoa merkatuan edonon ikusiko dugula. Noiz ezin jakin, ordea.
Aurrerapenak aurrerapen, zientziari mugak jarri behar zaizkio? Zientziak etika behar du?
Zientziaren garapena geldiezina da. Mugak jarri arren, zientzialariak aurrera egingo du parean agertzen zaizkion korapilo guztiak askatu nahian. Hala, alferrikakoa litzateke zientziari mugak jartzea. Besterik da zientziak dakarrenari mugak jartzea. Hortxe sartzen dira etika eta eztabaida. Energia nuklearra izan daiteke adibide. Oinarrizko ikerketan ez dago ideologiarik, ideologiak ez du jakintzan aurrera egin nahia baldintzatzen, baina jakintzaren erabilera derrigorrez kudeatu eta arautu behar da. Horrexegatik diot, jendartearentzat lan egiten duen neurrian, zientzia geldiezina dela, eta mugak eta etika ondoren datozela.
Zer da, bihar, etzi, ondoren... datorrena?
Iraganean etorkizunari begira jarri eta ahoa ireki duten ia guztiek sartu dute hanka. Pentsa, Michelson fisikari ospetsuak dena eginda zegoela esan zuen gaur egun ezinbestekoak zaizkigun erlatibitatearen teoria eta mekanika kuantikoa asmatu gabe zeudenean. Hori hala, zeintzuk diren etorkizuneko erronkak? Mende erdi barru zerk aldatuko duen gure bizimodua? Nire ustez, medikuntzak. Medikuntzaz oso gutxi dakigu oraindik. Nanoteknologiak arlo guztietan izango du eragina, irudikatzen ez ditugun gailuak asmatuko dira, eta dena konektatuta egongo den sare handi baten parte izango gara. Ordenagailuak papera bezalakoak izango dira –erabili, bota eta birziklagarriak–, dena izango da eramangarria, gailuak arropetan integratuko dizkigute, edo nork daki, gure barruan agian. Horrek medikuntza pertsonalizatua ahalbidetuko du, uneoro bakoitzak zehazki zer behar duen jakin ahal izatea. Albo-efekturik gabeko medikuntzara hurbilduko gara, botiken garraio kontrolatura, eta garapen jasangarria izango dugu ardatz. Gutxiagorekin gehiago egiteko gai bagara, albo-kalterik eta hondakinik gabe, asko irabaziko dugu. | news |
argia-32b6f16e4e3c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/frackinga.html | Burbuila husten hasita dago | Unai Brea | 2015-06-28 00:00:00 | Burbuila husten hasita dago
Haustura hidraulikoa edo frackinga erabiliz gas ez konbentzionala ustiatzeko egitasmoek erantzun sozial bizia piztu dute Euskal Herrian, eta bereziki Araban. Horren froga, uztailaren 13tik 19ra Subillan (Gasteiz) egingo den Frackanpada. Hainbeste zeresan eragin duen teknikak ingurumenari egindako kalteez jardungo dira, zalantzarik gabe, Subillako topaketan. Non eta, ustez behintzat, Euskal Herriko lehen putzu biak zulatzekoak ziren lekuan. Haatik, akuiferoak kutsatzeko arriskua, lurrikarak eragitekoa, gehigarri kimiko kantzerigenoen mehatxua, lurraldearen okupazio neurrigabea... ez dira izango hizpide bakarrak. Ezinbestean, energiaz ere berba egin behar da frackingaz ari garenean. Larrun honen azken orrialdeetan elkarrizketatu dugun Antonio Turielen esanetan, haustura hidraulikoaren bidez ustiatzen diren baliabideen errendimendu energetikoa edota ekonomikoa aztertzean, sinestezina dirudi "frackingaren alde egiten ari den kanpainak". Gero eta sinestezinago, gaineratu beharko. Frackinga burbuila besterik ez dela lehendik ere salatua zuten askok. Azken hilabeteetan agerian geratzen ari da arrazoi zutela batetik, eta burbuila husten hasita dagoela bestetik.
"Uste dut frackingak AEBetako ekonomia irauli duela. Hazkunde ikusgarria ahalbidetu du, energia merkatu du, lehiakor izateko aukera eman die...". Miguel Arias Cañete Europar Batzordeko Energia eta Klima komisarioak El País egunkariari esandako hitz horiek ez dira, ez, bat-bateko burutazio baten ondoriozkoak. Berak baino lehenago beste askok errepikatuko mantra errepikatu besterik ez zuen egin espainiar ministro ohiak. Kontrakoa dioen datu oldeak ez ditu, nonbait, mantra horren sustatzaileak kikildu. Arias Cañetek martxoan egin zituen adierazpenok. Ordurako, ezagun zen fracking bidezko ustiapenak dituzten hainbat konpainiak milaka langile kaleratu dituztela 2014an eta aurten bertan, edo zuzenean porrot egin dutela. Datu eanguratsua: AEBetan lanean ari diren makina zulagailu kopurua (hidrokarburo ez konbentzionalen ustiapen-eremuetan baina baita konbentzionaletan ere) gainbehera geldiezinean dago. Joan den apirilean, aurreko urrian baino %53 gutxiago ziren.
Fracking bidez ekoiztea bitarteko konbentzionalak erabiltzea baino garestiagoa da. Horregatik, 2014an abiatutako petrolioaren prezioa amiltzeak (50 dolarreraino jaitsi zen upelaren salneurria; orain 65 inguruan dago) kalte handia egin zion sektoreari. Analista askok esan dute frackingarekiko grina prezioak berriz igotzearekin batera itzuliko dela "bere onera".
Arazoa konplexuagoa da, haatik: upela 100 dolarrean zegoenean ere arazoak zituzten enpresa askok. "Mainstream-aren barruan ere gero eta ahots gehiago ari dira lau haizetara oihukatzen frackingarekin aurrera jarraitzea absurdua dela", dio Antonio Turielek.
Ezin zitekeen besterik espero hain emankortasun eskasa duen baliabide batez. Fracking-gas putzu baten emaria putzu konbentzional batena baino 200 aldiz txikiagoa da Eta gainera, oso arin jaisten da: gas ez konbentzionaleko putzu arrunt batek lehen urtean ematen du bere bizitza osoan emango duen gas guztiaren %80. Hortik aurrera datorren beherakada orekatu eta ekoizpen zifrei eutsi ahal izateko, putzu gehiago zulatzen dira. Inbertsioa handitzen da, baina produkzioa ez. Gurpilak ezin zuen betiko iraun, noski.
Erraz igartzen da frackingaren burbuilaren leherketak ez duela ustekabean harrapatu aipatutako seinaleak aintzat hartu duen inor. Izan ere, seinaleak baino gehiago izan dira: frackingaren abenturan sartutako konpainiek milaka milioi dolarreko defizitak pilatu dituzte 2010etik. "Gas erreserbak handitzeari eman zioten lehentasuna (eta beraz, burtsan zuten kapitalizazioa hobetzeari), ustiapenaren errentagarritasunari baino", irakur dezakegu The Oil Crash blogean. "Alkandorak ere galdu ditugu", kexatu zen Rex Tillerson Exxon Mobileko aholkulari nagusia, eta ez bart gauean, 2012an baizik.
Baliabide guztiak ez dira erreserba
Lur azpian zenbat gas dagoen ez da hain garrantzitsua. Hura zer erritmotan atera daitekeen, horixe da gakoa. Bestela esanda, erreserbak eta baliabideak ez dira gauza bera, sarritan nahasi arren. Baliabidea dagoen guztia da; erreserba, berriz, ustiatu daitekeena, eta hori faktore ekonomikoen menpe dago. "Funtsean, Energi Itzulera Tasa (EIT) on bat izatearen menpe", azaltzen du Antonio Turielek. EIT zer den ulertzea, erraza izateaz gain, funtsezkoa da konturatzeko zergatik hidrokarburo ez konbentzionalen bidea hain laburra izango den, ahots asko, zenbait ordezkari publiko barne, oraindik haren defentsan tematu arren.
Baliabide guztiak erreserba ez direla oso modu argian esplikatzen du Turielen esaldi honek: "Demagun 100 milioi euro dauzkadala bankuan, baina hilero 100 euro ateratzeko aukera besterik ez dudala". Hauxe gehitu genezake: gutxi ateratzeko baimena izateaz gain, hil bakoitzean aurrekoan baino apur bat gutxiago atera dezakegu. Gero eta gutxiagorekin bizitzen konformatzen ikasi beharko dugu, eta frackingak ez du errealitate hori aldatuko.
Ondoren datozen orrialdeetan azaltzen dira teknika horren aldeko apustua, energiaren ikuspuntutik behintzat, oinarri gabeko apustua izatearen gakoak. Kasu askotan, azken hilabeteotako porrot ekonomikoaren datu zehatzak ezagutu baino lehenago idatzitako testuetan oinarrituta daude, eta horregatik zenbait pasartek anakronismo kutsua izan dezakete. Orain zalantzarik gabe baieztatzen ari denaren aurreikuspen egokia dira, nolanahi. | news |
argia-2f21418d945a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/ziklistentzako-arauak.html | Automobil industriaren eta aseguru-etxeen iruzurra | Jon Torner Zabala | 2015-06-28 00:00:00 | Automobil industriaren eta aseguru-etxeen iruzurra
"Automobil industriaren, aseguru-etxeen eta Gobernu funtzionarioen helburua da hiri barnean bizikletan dabiltzanek kaskoa derrigor janztea eta zirkulazio arauak zorroztea", dio Eben Weiss blogari estatubatuarrak. "Ziklistek jasan ditzaketen balizko kalteen erantzukizuna saihestu nahi dute, baita azpiegiturak egokitu behar ez izatea ere".
"Ahulenak kriminalizatzea besterik ez dute nahi, oinezko eta txirrindularientzako azpiegitura hobeak eraiki behar ez izatea, guztiontzako eskubide eta betebehar berdinak tranparen argudioarekin", salatu du Weissek, Washington Post egunkariko Bike Snob New York blogean. AEBetako legedia du jo-puntuan, baina testuan esandakoek berdin balio dute beste errealitate batzuk azaltzeko. Dioenez, txirrindulariei kaskoa, arropa islatzailea eta dir-dir egiten duten orotariko tramankuluak eramatera derrigortzea, autoen hegemoniari eusteko distrazio hutsa da. "Ez itzazue ziklistak ikusgarriago egin, autoek harrapa ez ditzatela lor ezazue", eskatu die agintariei.
Apurka-apurka gauzak aldatzen ari direla onartu arren, oraindik biktima seinalatzen dela dio blogariak, izan oinezkoa zein txirrindularia. "Autoak hirien jabe egin zirenean zirkulazio arau zorrotzagoak eskatu zituzten batzuek. Automobil industriak propaganda-gerra abiatu zuen, segurtasun kanpainaren mozorroarekin. Arrakasta handienetakoa zuhurtziarik gabeko oinezko eta ziklistaren figurak lortu du, zeinak zirkulazio eskubidea lapurtu zigun":
Mugikortasun auzietan ere, berdintasunaren ideia amerikarra nagusitu dela irakurri dugu: "Errealitatean, desberdintasunak justifikatzen dituen kontzeptu maltzurra da, boteretsuak eta ahulenak maila berean jartzen dituelako". Dioenez, ez da gauza bera 800 kiloko autoan bidaiatzea edo, zure 80 kiloekin, etengabe azeleratzen ari diren autoen artean bizikletaz ibiltzea. "Ez naiz ari esaten ez litzakeela kotxerik egon behar, nik badut bat", argitu du Weissek. "Kontua da autoak Wall Streeteko jende zuria bezalakoak direla, ez dute behar inork babes are handiagoa eskaintzea".
Kaskoa janztera behartzeak ziklistak uxatzen ditu
Blogariaren hitzetan, herritarrek eguneroko bizitzan (lanera joateko, erosketak egiteko...) bizikletarik ez erabiltzea lortzen dute kaskoaren inguruko araudiek, deserosoa gerta daitekeelako batetik, eta hura ez janztea dirudiena baino arriskutsuagoa dela sinetsarazten digutelako bestetik.
Ziklista profesionalen lasterketak espainiar telebistaz jarraitu ohi ditugunok, maiz entzun dizkiogu gisa horretako adierazpenak Pedro Delgado txirrindulari ohiari. Bere ustez, norberak erabaki beharko luke hirietan kaskoa jantzi ala ez, kontuan hartuta "auto batek harrapatuz gero ezer gutxirako balio duela". DGT trafiko zuzendaritzaren datuetan oinarrituta Sevillako Unibertsitateko SIBUS agentziaren arabera, buruko lesio larria jasan duen ziklista kopuruari dagokionez –gero eta gutxiago dira, hiriak seguruagoak direlako–, apenas dagoen alderik kaskoa daramaten eta ez daramatenen artean. Hura jantzi behar izateak bizikletaz egiten diren joan-etorriak murrizten dituela dio Delgadok, Australia eta Zeelanda Berriko datuek erakusten duten moduan: kaskoaren erabilera arautzen duen legea indarrean jarri zenetik, bizikletaz dabilen herritar kopurua %20-40 artean murriztu da.
Zentzu horretan, bizikletaren aldeko ConBici koordinakundeak ohartarazi duenez, helduek kaskoa jantzi behar izatea Europako herrialde bakar batean ere ez da derrigorrezkoa. Danimarkan eta Herbereetan, bi herrialde aipatzearren, jende piloak erabiltzen du bizikleta, araudiak haiek babesteaz gain, auto gidariak kontzienteago direlako.
Delgadoren hitzetan, hiri barnean kaskoaren erabilera derrigortzeak erakusten du aseguru-etxeen joko-arauen menpe gaudela: "Autoak harrapatutako kaskodun ziklista batek prezio bat du, eta kaskorik ez daramanak beste bat. Bigarren kasuan, autoaren segurua kalte-ordaina ematetik salbu gera daiteke; tamalgarria da".
Hego Euskal Herrian, 16 urtetik azpikoentzat derrigorrezkoa
Hego Euskal Herriaren kasuan bi multzo bereizi behar dira: 16 urtez azpikoak eta hortik gorakoak. Hiri barneko zirkulazioaz ari gara betiere; herriz kanpoko errepide guztietan da premiazkoa kaskoa eramatea.
Espainiako Estatuko Zirkulazio Legeak 16 urtez azpikoek kaskoa derrigorrez jantzi behar dutela arautu zuen iazko martxoan. PPk herri barruko joan-etorrietan ere kaskoa erabiltzera derrigortu nahi zituen pertsona guztiak, adina dena delakoa izanda ere, baina oposizioko taldeek neurria arbuiatu eta popularrek atzera egitea erabaki zuten azkenean. Araua bete ezean, 200 euroko isunari aurre egin beharko diote gazteek". Iparraldean, aitzitik, inon ere ez da behartzen kaskoa janztera.
Ez da zalantzarik auziaz hausnartu eta luze eztabaidatu beharko litzatekeela, hirigintza politika eraginkorra sustatu nahi badugu bederen. | news |
argia-4d01507714cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/makala-jazz-funk-band.html | Dantza egin Makalarekin | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-06-28 00:00:00 | Dantza egin Makalarekin
Xake
Makala Jazz Funk Band
Orrua, 2015
Makala Jazz Funk Band taldea da Makalaren egitasmo berria. Zarauzko musikari eta disko jartzaile ezagunaren banda musikari hauek osatzen dute: Antxon Sarasua (teklatuak), Ander Zulaika (bateria), Oihan Lopetegi (ahotsa), Martin Asarian (gitarra) eta Makala bera (baxua). Eskarmentu handiko musikariak dira denak, musikari handiak.
Xake diskoaren aurretik Passion Fruit (Orrua Diskak, 2014) eta Orrua (Orrua Diskak, 2013) EPak edo disko laburrak kaleratu zituen. Orrua EPko bi kantu Xaken ere entzun daitezke: Orrua eta Wack Wack.
Taldeak denbora gutxian hamaika emanaldi egin ditu Euskal Herriko, Kataluniako, Andaluziako eta Madrilgo hainbat jaialdi, areto, klub eta tabernetan; eta ez da harritzekoa, oso talde ona baita, eta haiekin erraza da dantza egitea edo gorputza mugitzea.
Musika afroamerikarra egiten dute. 50, 60 eta 70eko hamarkadetako doinu beltzak jotzen dituzte: jazz, rhythm'n'blues, groove funk eta disco soul. Doinu beroak eta gozoak. Kantu politak eta oso landuak, mimo handiz eginak.
Xake diskoa oso ongi grabatua eta ekoitzia dago. Makala eta Antxon Sarasua aritu dira ekoizle lanetan, eta lan aparta egin dute. Moldaketak arretaz zaindu dituzte, gehiegizko apaindurarik egin behar izan gabe. Musikariak trebeak dira, eta beren tresnak oso ongi erabiltzen dituzte. Oihan Lopetegik oso ongi kantatzen du, eta bere ahotsa leuna eta oso polita da.
Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala musikaren munduan murgildu zela hogei urte baino gehiago dira. Urteotan, areto ugaritan eta hainbat grabazio estudiotan eta irratsaiotan aritu da disko jartzaile, musikari eta ekoizle lanetan eta beste artista batzuentzako nahasketak egiten, baita ekitaldiak eta musika emanaldiak programatzen eta antolatzen ere.
Xake diskoaren aurretik lan hauek argitaratu ditu: Global Funk Remixes 2004-2014 (Orrua Diskak, 2015), Unexpected Tapas (Lovemonk, 2011), Selects Boom Shaka Laka (Malandros-EITB, 2006), Hondartzan (Metak-Orrua Diskak, 2005) eta Makala Plays Novophonic (Novophonic-So Dens, 2002). EP batzuk ere bai, eta abesti eta remix ugari kaleratu ditu UrbanWorld (Danimarka), Movimientos (Erresuma Batua), Agogo (Alemania), Freshly Squeezed (Erresuma Batua), Rip Curl (Japonia), High Note (Taiwan), Lola's World (Alemania), Wagram (Frantzia), Elkar (Euskal Herria) eta beste hainbat diskoetxerekin.
Zenbait talderekin eta artistarekin aritu izan da, eta disko jartzaile lanak egiten, besteak beste, Portugalen, Italian, Katalunian, Espainian, Frantzian, Belgikan, Holandan, Erresuma Batuan, AEBetan, Suitzan, Austrian, Alemanian, Eslovakian, Txekiar Errepublikan, Polonian eta Danimarkan, eta nazioarteko jaialdi ezagunenetan ere parte hartu du: Glastonbury, Sonar, Popkomm, Paulusfeesten, Womex, Jazzaldia…
2008. urtetik, hilero Global Funkers festak antolatzen ditu Euskal Herriko hiri nagusietan, Alice Russell & TM Juke, Nickodemus, Daniel Haaksman, Captain Planet, Sweet Vandals, Pete Isaac Jelly Jazz, Dusty Jazz&Milk, DJ Farrapo, DJ Click, Jim Avignon, JADD, Miqui Puig, Txarly Brown eta beste hainbat DJ eta artista ezagunekin... Gainera, Gaztean, Euskadi Irratian eta Groovalizacion Interneteko irratian ere aritzen da.
Musikazale amorratua eta langile nekaezina da Makala. Lantzen duen musika oso eklektikoa da. Doinu bero eta tropikalak jorratzen ditu, jazz, swing, soul, funk, reggae, ska, disko, cumbia, boogaloo, gipsy rhumba, Afrikako eta Brasilgo doinuak, latinoak… eta horiek guztiak erritmo berritzaileekin eta elektronikoekin nahasten ditu.
Musika bihotzetik ateratzen zaio, dantza egiteko musika beroa, eta musikak bizipoza ematen diola nabarmena da. Makala Jazz Funk Bandekin ere dantza egiteko eta ondo pasatzeko musika egiten du, alaitasuna eta bizipoza transmititzen dute. Bizimodua kaka bat izanda ere, aurrera begiratu behar baita, alaitasunez eta umore pixka batekin. | news |
argia-332e868916f7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/porrotaren-alde.html | Porrotaren alde | Fermin Erbiti | 2015-06-28 00:00:00 | Porrotaren alde
Psikologo eta pedagogo guztiak bat datoz: porrota bizitza honetan gauza segurua denez, galtzen ikastea ahalik eta azkarren gainditu beharreko irakasgaia da. Galtzen ikasi, hortik etekinik ere atera dezakegula ahantzi gabe, porrotaren alde onari erreparatuz. Izan ere, gauza jakina da porrota ikasbide paregabea izan daitekeela, oso lagungarria etorkizunerako. Bizitzaren ibilbidean bosturteko batzuk eginak dituen edonork badaki, ongi jakin ere, porrotei zor dizkiegula ikasi ditugun lezio hoberenak. Eta horren alde onez hausnarketa egiten hasiz gero, ezin aipatu gabe utzi galtzailearen erakargarritasuna, bereziki zineman edo literaturan. Bitxia da: horretan, galtzaile irabazle.
Barcinak-eta, beraz, bazuten kontsolamendurik. Horri muzin eginez, ordea, galtzen ez dakien haur ergelaren papera jokatu nahiago izan dute: gola sartzen badidate, baloia hartu eta espantuka hasiko naiz, aurkaria ahalik eta gehien kakazten dudan bitartean. Porrotak eskatzen duen autokritikatik, noski, arrastorik ez.
Kontua da protagonistak adinez nagusi izateaz gain, gutxieneko erantzukizun politikoa erakutsi behar lukeela. Ez da, beraz, batere eredugarria amorrazioari ezin eutsiz Madrila joan (Madrila, beti Madrila!) eta han Nafarroa Alemania naziarekin parekatzea. Beste guztiak baino askoz nafarrrrrzale omen zen hautagaiak ere hobe apokalipsi ekonomikorik iragarriko ez balu, helburua ez bada Nafarroa bera ahalik eta gehien kaltetzea.
UPNk deabrutzat duen EH Bilduren erreakzioa eredu har zezakeen, askoz txukunagoa izan baita. "Herritarrengandik urrundu gara. Umiltasun handiagoa behar dugu". Horixe esan zuen Hasier Arraizek Gipuzkoako emaitzak ezagututa. Esaldia azpimarratu beharrekoa iruditzen zait, irabazlearen bekatu nagusiak ederki laburbiltzen dituelako: herritarrengandik urruntzea eta harrokeriaz jokatzea.
Galtzen hain esperientzia luzea duten nafar agintari berriek erronka asko dituzte. Aurrekoen jokamoldea ez da eredu txarra, kontrakoan tematzeko: lubaki gutxiago eta zubi gehiago; botoa eman ez dietenak ere kontuan hartu; diru publikoa gardenago eta eraginkorrago kudeatu...
Eta, faborez, apal joka dezatela. Izan ere, politikaren ofizio korapilatsuan espanturik gabe galtzen eta irabazten dakien jende apala behar dugu. Aldatu beharrekoen zerrenda luzean, hori ere ez ahantzi! | news |
argia-37135883539d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/kafea-baratzera.html | Kafea baratzera | Jakoba Errekondo | 2015-06-28 00:00:00 | Kafea baratzera
Mikatza dut kafea. Mikatza dut gustuko. Gozotik urruti, gazi puntta eta erre punttua duena. Gatz ttantta bat ere ederki letorkiokeela amets egiten dut, maiz. Izan ere kafea! Taxuzko kafe batek ahosabaiaren azken gapirioaren eta mingainaren atzeko pendizaren artean loratzen duen lehor arantza beste zerk sor dezake? Tabernan zapuzten dira, ia egunero, nire kafe ametsak. Kafea ateratzen didatenero, ia. Ez ganorarik, ez fundamenturik, ez gogorik gabe, basokada bat iturriko ura balitz bezala ateratzen dutenean kafea. Zerbitzatzen duenak jakingo balu; bizitza luzatzen duela jakingo balu; luzatzen duen bizitza horretako eguneroko buruko mina urtzen duela jakingo balu, beste tratu bat emango lioke. Baita kikarakadatxoa egindakoan hondar bilakatzen den kafe eho horri ere.
Kafe hondarrak makina bat gauzatarako berrerabil daitezke. Edozertarako dela ere, hondarra da, hondar organikoa. Lurraren ongarri, alegia. Nitrogenoa, fosforoa, potasioa, sufrea, magnesioa, karea, zer ez du? Simaurrarekin edo luarrarekin nahastuta ederki baliatuko dugu; lurra harrotu eta lehortuko duenez gure baratzeetan mesede galanta egingo du. Baita ongarri likidoa egiteko ere: jarri hamar litro uretan libra erdi bat kafe hondar, eta hurrengo egunean, pronto da landareak ureztatzeko. Ongarri ona bada ere, lurra azidotu egiten duela jakin behar da. Azidozale direnentzat, pagotxa: baratzeko barazkietan tomatea eta piperra, loreetan arrosa, kamelia, hortentsia, azalea, ziklamena, gardenia, errododendroa... Lurrean zabalduz gero, barra-barra erabil daiteke. Kontuz, ordea, loreontzietan. Kafea eman eta kafea eman, lurra kutsatu besterik ez da egiten. Gaindosiaren kaltea. Loreontzietan kartzelan bezala bizi dira landareak, bizi baino gehiago iraun, ozta-oztako oreka batean. Orekan. Tamainan, beraz, kafea, eta azidozale amorratu horietako landareren bat ez bada bertan, onena batere ez.
Baratzean, intsektuak ere uxatzen ditu: barraskiloak, bareak, inurriak... Baita katuak ere, agidanean.
Bere bakardadean, perretxikoak hazteko oinarri egokia da: jarri toki ilun batean, inokulatu perretxikoaren mizelioa eta ez utzi lehortzen. Konturatzerako mahaian zara.
Ehotzeko kafea prestatzeko lanetan kentzen zaion azala eta hondar hondakina kontuan hartuta, urtero 2.000 milioi tona materia organiko sortzen omen da kafezaleon kontura. Zerbait egin beharko, ezta? | news |
argia-9155d06a8647 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/datozen-lau-urteetako-garai-berria-bai-ala-bai.html | Datozen lau urteetako garai berria: bai ala bai | Garbi�e Biurrun | 2015-06-28 00:00:00 | Datozen lau urteetako garai berria: bai ala bai
Enegarren aldia da "garai berriaz" mintzatzen naizela eta enegarren aldiz horretaz sinetsita nago. Askotan berritasunak gertatzen dira, eta bestetan, benetako iraulketak. Oraingo honetan aldaketa sakonaren aurrean gaude, edo behintzat, horretarako aukeraren aurrean.
Nire aurreko kolaborazioan, M24ko hauteskundeen emaitzak jakin bezain pronto, nire zalantzak azaldu nituen, batez ere lortuko ziren itunekiko eta batik bat, indar batzuen jarrerekiko. Nire kezkak ez dira erabat ezabatu, baina ez dira erabat gauzatu ere.
PSEren eta PSNren erabakiak orain arte nahiko aurreikusgarriak izan dira: beraiek jarritako "marra gorria" ez dute gainditu. Horrela, ez dute behintzat EH Bildurekin batera egin –udal handienetan,Iruñea edo Gasteiz, alegia–. Gainera, EAJri esker, oso etekin onak aterako dizkiete izandako emaitza kaskarrei.
Podemos eta beren marka desberdinak aldiz –ezin denak aipatu hemen–, ez dute marra gorririk ipini eta askatasunez aritu dira, bai Nafarroan, baita EAEn ere. Garbiena, Iruñeko bozketa izan da. Bertan Joseba Asironek EH Bildu taldearen botoak, Geroa Bai, Aranzadi (Podemos) eta Izquierda-Ezkerrarenak jaso ditu alkatetza lortzeko. Oso kontuan edukiko zuten Aranzadikoek zer-nolako ondorioak ekarri zitzakeen beren erabakiak, batez ere Estatuan, baina, halere, aldaketaren alde egin dute inolako konplexurik gabe.
Dena den, bi esparru desberdin sortzen ari direla esango nuke –garai batean zirkuetan pista bat baino gehiago zegoen modura–: alde batetik, esparru berria, non eragile, alderdi eta itun berriak dauden, aldaketa berri baterako, eta bestetik, esparru ezaguna, non "betiko aldaketa" proposatzen zaigun. Lehen espazio horretan hainbat indar eta estilo elkartzen ari dira, iraulketa aurrera ateratzeko, batez ere gobernatzeko era zaharkitua alboratzeko. Bigarren espazioan betiko bi indar nagusitzen ari dira –EAJ eta PSE–, aspaldiko ituna zaharberrituz.
Lehen espazioa ez da orain EAEn zabalduko, ez orokorrean, noski. Hori da EAJren eta PSEren arteko itunaren arrazoia, hau da, euren nagusitasuna bermatzea eta aldaketa garai honetan akordioa kokatzea, datozen 2016ko hauteskunde autonomikoei begira. Baina esparru horretan ez da aldaketarik ikusten, ez aldaketa sakonik behintzat. EAEn bi alderdi horiek izan dira nagusi betidanik –nahiz eta batzuetan koalizioan gobernatu duten beste batzuekin–. Beste erakundeetan ere, azken lau urte hauetan izan ezik, nagusi izan dira. EAJ batez ere. Beraz, aldaketa, zerekiko?
Bigarren espazioak dauka benetako erronka. Orain lau urte EH Bilduri aukera iritsi zitzaion, baina herritarrek egin duten hautaketa ikusita, ez du ondo garatu eta aprobetxatu nonbait; Gipuzkoan batez ere. Esperientzia ezin hobea izan da hausnarketa sakona egiteko "gobernanza" estiloari buruz, eta praktikotasun handikoa datozen lau urte hauetarako, Nafarroan batez ere. Hor bai aldaketa: indar berriak –batzuk benetan berriak, orain sortutakoak– hainbat udaletan, eta seguruenik, Foru Erkidegoaren Gobernuan; betidanik boterea kudeatu –eta gaizki erabili– izan duten alderdiak baztertuta –PSE barne?–; azkenik, ezberdinen arteko itun berriak lortuz. Aukera paregabea da kultura politikoa aldatzeko, hau da, indar politikoen eta herritarren artean estiloa, ardura eta erabakiak partekatzeko moduak.
Ea garai honek, denon mesederako, luze irauten duen. | news |
argia-3f94fb8826d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/arrastoak.html | Giotto: egunez margotu, gauez zizelatu | unknown | 2015-06-28 00:00:00 | Giotto: egunez margotu, gauez zizelatu
Giotto di Bondone (1267-1337), Giotto izen hutsez ezaguna, Berpizkundeko artista nagusietakoa izan zen. Itxuraz, bere autoerretratua han eta hemen sartzeko joera zuen, baina adituek ez dute haren freskoetan artistaren aurpegia identifikatu. Garaiko kroniken arabera, Giotto itsusia izan arren, emakume eder bat maitemintzea lortu zuen eta seme-alaba mordoa izan zuen, aita bezain itsusiak, Dante Alighieriri jaramon eginez gero behintzat. Kopuru zehatza ez dakigu, hiltzean sei bizirik zeudela besterik ez.
Behin, Florentziako noble bat Giottoren tailerrera joan zen enkargu bat egitera. Haur andanak harrera egin zionean, "maisu, zein dira haur hauek guztiak?" galdetu omen zion margolariari. "Nire seme-alabak dira, jauna", erantzun zuen. "Guzti-guztiak? Ezinezkoa dirudi". Orduan, Giottok honelaxe esan zion: "Jauna, nik egunez margotu egiten dut, eta gauez zizelatu". | news |
argia-fa675cedae0c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/basilio-lacort-nafarroa-berriaren-bila-eskumikatua.html | Basilio Lacort, Nafarroa berriaren bila eskumikatua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-06-28 00:00:00 | Basilio Lacort, Nafarroa berriaren bila eskumikatua
Bera (Nafarroa), 1851ko ekainaren 15a. Basilio Lacort Larralde militar eta kazetaria jaio zen. Ama bertakoa zuen; aita Huescakoa zen jaiotzez, eta guardia zibila bizibidez. 14 urte zituela aitaren lanbideari ekin zion eta Elizondon hasi zen lanean. Berehala monarkiaren aurkako konspirazioetan nahastu zen, eta jarduera horrek kartzela behin baino gehiagotan zapaltzea ekarri zion nerabeari.
1870ean Juana Goñi Lizeagarekin ezkondu zen, eta Amadeo Saboiakoa buru zuen Espainiako gobernu errepublikarrari leial izateko zina eginda, azken gerra karlistan parte hartu zuen: Dantxarineako zubian, Astigarragan, Allon eta Arellanon borrokatu zen, besteak beste. 25 urterekin, hainbat ohore-domina eta armadako teniente gradua lortuta, Kubako Gerra Txikira bidali zuten, baina gaixotasun bat medio, urtebete eskas eta gero itzuli zen. 1883an Badajozeko altxaldi errepublikazalean parte hartu zuen. Jazarraldiaren porrotak erbestera eramango zuen; Portugalera lehenik, Frantziara gero eta, azkenik, Aljeriara.
1887ko uztailean, amnistia eta, beraz, itzultzeko baimena eskuratuta, Madrila joan zen lehenik, Ruiz Zorrillaren El País egunkarian lan egiteko, eta ondoren Iruñean kokatu zen.
1898. urtean El Porvenir Navarro astekaria sortu zuen. Hasieratik nabarmena zen kleroaren eta karlismoaren aurkako jarrera, baina irakurleek gogo onez hartu zuten nonbait, hasierako 500 aleko argitaraldia bikoiztu behar izan baitzuten berehala. Hurrengo urtean, Iruñeko gotzain Antonio Ruiz-Cabalek agerkaria irakurtzea debekatu zuen, bekatu larria, heresia ia, omen zelako. Urte berean, 1899ko azaroaren 14an, José López Mendoza izendatu zuten hiriko gotzain eta bere aurrekoa baino are zorrotzagoa izan zen Lacorten hedabidearekin. Lacort bera nominatium eskumikatzeaz gain, El Porvenir Navarro idazten, sustatzen, editatzen, saltzen eta irakurtzen zuen orori zabaldu zion eskumikua. Erabaki mundutarrez, aldiz, Genaro Pérez Moso gobernadore zibila arduratu zen; abenduaren 8an astekaria itxiarazi zuen.
Gobernu Zibilak berehala beste aldizkari bat zabaltzeko baimena eman zion Lacorti, ordea. Mende berriarekin batera abiatu zen La Nueva Navarra astekaria. Eta 1900. urtea amaitzear zela haren arerioa argitaratu zen lehenengoz: Benito Valenciak zuzendutako La Vieja Navarra integrista. Bi hedabideen arteko eztabaida eta liskarrak larritu zirenean, gotzainaren erabakia ez zen batere originala izan: Basilio Lacort bigarrenez eskumikatu zuen.
1908ko uztailaren 5ean hil zen. Diotenez, hilzorian zela López Mendozaren bisita jaso zuen, iraganaz damu zedin eskatuz. Lacortek ezetz esan omen zion.
1931n, lehen udal errepublikarrak beratarraren izena ipini zion egun San Fermin kalea denari, baina 1936an frankistek, kalearen izena aldatzeaz gain, Lacorten hilobia txikitu zuten.
1970eko hamarkadan Jose Joaquin Arazuri mediku eta historialari iruindarrak hiriko kaleetako 1.168 argazki zahar bildu zituen. Horietako batean Corpus Christiko prozesioa ageri da San Anton kalean, eta apaiza Guztiz Santuaren irudia auto batean sartzen ari da; irudi sakratuak ondo estalita eta babestuta igaro behar baitzuen Basilio Lacort bekatariaren etxe paretik. | news |
argia-f14240f36961 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/eredua.html | Eredua? | Andoni Mujika | 2015-06-28 00:00:00 | Eredua?
Interesatzen zait euskal indar politikoek gaurkotasunaz egiten duten irakurketa orokorra ezagutzea; baina diagnosia baino gehiago, jakin nahiko nuke gai estrategikoetan zein den etorkizunerako proposatzen duten norabidea eta nolakotasuna gauzak egiteko. Ea zerbait berritzailea dioten, behingoz.
Zentzu horretan azken bi-hiru urteetan ikusi izan da (Espainia mailan indar handiagoz) mugimenduren bat. Proposamen politiko berri horiek ezkerraren eremu soziologikoan antzeman dira nagusiki; eta lotuta egon dira –zoritxarrez– erreakzio mekanismoekin: krisiak eragindako haserrea, ustelkeria eta gauzak egiteko kultura kazikea. Baina, esan behar dut, gizarte ereduaz diotena zehaztasunik gabea iruditu zaidala; eta bestetik, esan dutena ez zait ez berriegia, ez erakargarriegia egin.
Euskal ezkerrera etorrita, honek ere argitu beharko luke bere herriarentzat estrategikoak diren esparruak zeintzuk diren, eta batez ere, horien aurrean zein erantzun daukan. Zein da bere eredua? Uste dut interesatzen zaidan honetaz ez dela inoiz garbi eztabaidatzen eta posizionamendua hartzen. Gurean ere ezkerra anitza da. Anitzegia ote? Eta etorkizuneko gizarte ereduaren eztabaida egin gabe dauka ausardiaz eta serio. Herritarrok, behinik behin, ez dugu ulertu zein den proposamen hori.
Eztabaidaren ariketa horretan lurra hartuz, puntu konkretu batzuen inguruan erantzunak eskatuko nizkioke euskal ezkerrari:
Bat. Kudeaketa publikoa eta eskubide unibertsalak bereizi ditzala. Gauza bat da pertsona guzti-guztiek izatea edozein eskubide, eta beste bat, oso ezberdina, nola eskaintzen den hori: kontzertazio bidez, autoeratuz, administrazioak zuzenean kudeatuta funtzionarioen bidez, baldintza exigenteak jarrita azpikontratatzen den enpresari… Eskubide hauek ez dira nahitaez kudeaketa publikoz bermatu behar. Bermatu egin behar dira.
Bi. Ekonomiaren garapenerako norabide bat. Zer uste du autoeraketaz? Eta ekonomia sozialaz eta solidarioaz? Zeintzuk dira, interesgarriak iruditzen bazaizkio, ekonomia horiek bultzatzeko bere politika zehatzak?
Hiru. Hari horri jarraituta, zein da euskal ezkerraren industria eta inbertsio politika?
Lau. Nola ez desaktibatu, laguntza sozialen bidez, pertsona eta taldeen ekimenerako motibazioa?
Dena zorren zorroan gera ez dadin, euskal ezkerrari aitortu behar zaizkio dohain batzuk, adibidez: ingurumenean, zintzotasunean, hizkuntza politikan eta berdintasun zein justizia ekimenetan. | news |
argia-8925e2ed9351 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2467/elena-lopez-de-aguirre.html | "Maitemindu naiz, nolabait, liburuko emakume guztiekin" | Iker Barandiaran | 2015-06-28 00:00:00 | "Maitemindu naiz, nolabait, liburuko emakume guztiekin"
Elena Lopez Aguirre Gasteizko kazetari beteranoak musika bete-betean bizi izan duten Euskal Herriko 25 emakumeren bizipenak jaso ditu Neskatxa maite. 25 mujeres que la música vasca no debería de olvidar (Ediciones Aianai / Baga-Biga) liburuan. Batzuk besteak baino ezezagunagoak dira, baina historiak ez du bat bera ere nabarmendu;
eta hemen jasotakoa ikusita, merituak ez zaizkie falta.
Liburu honen helburua justizia egitea da?
Jakina, historiako ahaztuenak emakumeak garelako. Pedro Espinosak eta biok 1993an sortutako argitaletxeak (Ediciones Aianai) beti izan du hutsune bat betetzeko helburua. Lehen liburuak, Hertzainak. La confesión radical , gure musika historia kontatu nahi zuen, atzerriko erreferentziez paso eginda. Del txistu a la telecaster -ekin azalerazi nahi izan genuen euskal rock musikariak ez datozela country, western ezta bluesetik, txistu, triki edo dultzainatik baizik. Hirugarrena, Pedro eta biok parte izan garen Potato taldearen biografia izan zen. Eta Edozein herriko jaixetan , Euskal Herriko rock garaikidearen entziklopedia da. Liburu perfektua da oraindik idatzi ez dena; eta gureak bihotzaren zati handi bat jarrita egindako liburu apalak dira. Neskatxa maite beste pauso bat da bide horretan.
Zertan oinarritu zara 25 emakume hauek aukeratzeko?
Ez nintzen arrakastaren bila joan. Protagonistetako batzuek, ezezagunak izan arren, ikaragarrizko ibilbide profesionala dute. Arantxa Gurmendi izan zen aukeratu nuen lehena. Euskal kantagintza berriaren aitzindaria da. Askotan Soroak taldea aipatzen da, baina Biurriak ahazten dugu. 2012an elkarrizketatu nuen. Urte berean Begoña Larrañaga eta Marivi Ibarrola elkarrizketatu nituen. Biak Madrilen bizi dira: 1960ko hamarkada hasieran Begoña haur prodijioa zen eta konjuntoen urrezko garaian lan handia egin zuen. Oso jende gutxik ezagutzen du bere biografia mardula. Marivik 2012an Yo disparé en los 80 liburua argitaratu zuen. Ez nuen aurretik pertsonalki ezagutzen, baina bere ibilbidea oso anitza da: DVorame ko kolaboratzailea, Nola! diskoetxeko koordinatzailea, Gasteizko Musika Bideo Jaialdiko zuzendariordea… Laugarren elkarrizketa Marta Aldamari egin nion. Pléyade taldeko abeslaria, La Xeta Pasote eta Reverendo Parker taldeetako bateria jotzailea, eta Hertzainakeko saxo jotzaile Tito Aldamaren alaba.
Tartean geldiune bat izan nuen, eta 2014an Gasteizko Jazz jaialdiaren zutabe den Blanca Sanzen hitzak jaso nituen. Eta horrela elkarrizketak pilatuz joan eta bat-batean 25 nituen. Izan zitezkeen 50 edo 100.
Emakume hauen hitzak jaso izana ohorea izan dela diozu…
Miresten dut emakume borrokalarien izaera. Nahi izan dutena egin dute, oztopoei aurre eginez. Guztiez maitemindu naiz nolabait. Guztiak dira desberdinak eta horren bila joan nintzen, aniztasuna nahi nuen. Horregatik, esaterako, aukeratu nuen musika garaikidea konposatzen duen Zuriñe F. Gerenabarrena.
Zu ere liburu honetako protagonista izan zintezkeen. Zeintzuk izan dira zure ereduak?
Lehen musika eragina amarengandik jaso nuen: Dalida eta María Dolores Pradera. Eta 1960ko hamarkada erdiko telebistari esker Vainica Doble deskubritu nuen, haien ahots jokoak eta izaera aldarrikatzailea. Musikari dagokionez, Ceciliak gogor eragin ninduen 70eko hamarkada hasieran: bere hitzek, irudiak eta konposatzaile borobila izateak. Patti Smith oso erreferente garrantzitsua da; Pretenderseko Chrissie Hynde eta berak idatzitako Back on the chain gang luzaroan izan ditut alboan; baita Aurora Beltranen El chico de la mirada asustadiza ere, gizonezko ereduekin apurtuta rocka egiteko ikasgaia dena. Garrantzitsua izan da Belen Mijangos kazetaria eta El Tubo rekin egin zuen lana. Laurie Andersonek O Superman en egindako lanak txunditu ninduen; Cindy Lauper eta Time after time ; Amaral Gasteizera etorri zen lehen aldian sei ikasle geunden eta zur eta lur utzi gintuen; Rosana oso gustuko dut, Anari barruraino heltzen zait, Mursegok aho bete hortz uzten nau…
Musikatik at, emakume gisa, eta hortaz XX. mendeko bigarren mailako herritar gisa, zapalduekin enpatia berezia dut. Emakume izateak behatzeko modua aldatzen dizu. Baita Saharan hamar urte bizi izanak eta Potato taldeko abeslari Juantxo Borikó ginearra hurbileko laguna izateak. Horregatik hunkitzen naute Afrikako emakumeen lorpenek.
Liburu honek zeharka Gasteizen aldarrikapena egiten du, 25 protagonistetatik 11 hiri horretakoak baitira.
1970eko hamarkadako Fausto talde itzeleko gitarra jotzaile Kepa Osések behin esan zidan, 1960ko hamarkadan Gasteiz zela musikari gehien zuen Euskal Herriko hiria. Eta horren uzta begi bistan dago. Carmelo Bernaola Kontserbatorioaren zuzendaritzara heldu izana erabakigarria izan zen, berau modernizatu eta pentsaerak ireki zituen. Luis Aramburu Udal Musika Eskola eratu izana ere oso garrantzitsua izan zen. Horra hor, beste batzuen artean, 18 urte dituenetik, dozenaka talde eta proiektutan aritu izan den Laura Ortega: dantzaldi-taldeetan, Potaton, Gasteiz Big Banden, Malatun… Eta umeen musika irakaskuntza irauli duen Ana Isabel Bravo; ibilbide luzea duen Begoña Divar… Balio handia dago hiri honetan.
Zure liburu guztien marka da testuingurua ederto erretratatzen dutela…
Jakin-mina izan dut beste musikari batzuekin, inguruko eraginekin, anaia nagusiekin, gurasoekin edo familiako musika aurrekariekin. Iraganarekin lotuta gaude bai ala bai; eta beste garai batean musikariek kasinoetan, elkarteetan, zinema aretoetan eta irratietan jotzen zuten. Zoritxarrez, gaur egungo belaunaldiek bolbora asmatu nahi dute eta La Pollak abesten zuen moduan tradizioa madarikazioa dela uste dute.
Gaur egun emakumeek rockean duten presentzia aldarrikatu eta handitzeko Emarock gisako proiektuak daude, baina esango nuke ez dela askorik aldatu. Zuk zer diozu?
Ez nago ados. Egunetik egunera emakumeok orain arte itxita genituen esparru berriak konkistatzen dihardugu. Silvia San Miguel piano jotzailearen erreflexioa ekarriko dut hona: "Emakume izateagatik lortuko ez duzula uste baduzu, zure aurka egiten duen energia negatiboz betetzen ari zara". | news |
argia-6fc0722187aa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/urratsez-urrats-egiten-da-bidea.html | Urratsez urrats egiten da bidea | Amaia Alvarez Uria | 2018-10-14 00:00:00 | Urratsez urrats egiten da bidea
Badago zientzia-fikziorik (Zi-Fi) euskaraz? Zi-fia idazten duen emakumerik? Zi-fi feministarik gure liburuen artean?
Duela bi asteburu Bilbon AnsibleFest izan zen: I. Zientzia-fikzio Feministari buruzko jardunaldiak. Lehen mahai-ingurua Arrate Hidalgok dinamizatu zuen: "Euskal emakume idazleak zi-fian: irakurketa berezia". Mayi Pelotekin hasi ziren, Itxaro Bordaren zenbait narrazio aipatu zituen eta lerrootan iruzkinduko dugun Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua-rekin amaitu. Ondoren Ana I. Morales eta Josune Muñozek Eider Rodriguezen Nahiago nuke gezurrik ez esan ipuinaren irakurketa dramatizatua egin zuten.
Normalizatu gabeko gure hizkuntza eta literaturan hutsune nabarmenak daude oraindik, haien artean zenbait genero literario ustez txiki eta ustez balio gutxikoen lanketa. Beraz, betikoa gertatzen da oraingoan ere; zi-fia idazten duten (emakume)ak gutxi dira, eta horregatik eskertzekoa da Darcelesen ekarpena.
Zi-fia oso baliagarria izaten da jendarteari begiratzeko, garaiko beldurrak exorzizatzeko eta gustatzen ez zaiguna salatzeko, hortaz ez da harritzekoa Darcelesek bihotzean daraman munduaren aldarria egitea, mundu hobea eraikitzeko deia eginez eta egungoa kritikatuz eta etorkizun hurbila irudikatuz.
Botere harremanez eta eskubide urraketez kontziente garenean mundua aldatzeko nahia piztu ahal zaigu. Horixe topa dezakegu egile honen aurreko liburu ez-fikziozkoan: Eraldaketarako gidalerroak (2009). Lan mundua demokratikoago eta parte-hartzaileago bihurtzeko asmoarekin idatzitakoa eta komentagai dugun lanaren oinarria dena.
Lorea gazte idealista da protagonista. Kuriositate handia du eta bere tesirako iraganean arakatzen ari dela historiatik ezabatutako iraultza baten berri izango du. Bere munduaren ajeak ezagutzen joango da: teknologia bidezko kontrola eta zigorra, makinen agintea eta informazioaren manipulazioa, aisialdiaren funtzio erregulatzaile eta uniformatzailea.
Nobela betzak hilketak tarteko kritika soziala egiten duen moduan, zientzia-fikzioak etorkizunetik egin ahal du. Lan honetako zutabeak eta xedeak ageriegi dauden arren, gomendagarria iruditzen zaigu gazteen artean kontzientzia piztu eta gogoeta eragiteko. Eta, agian, etorkizun posible desberdinak irudikatzeko akuilu izateko ere. | news |
argia-c22ae09ec366 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/j-kim-wright-abokatu-errebelde-eta-legala.html | "Zuzenbide Integratiboari dagokionean mundu mailako eredu da Euskal Herria" | Miel Anjel Elustondo | 2018-10-14 00:00:00 | "Zuzenbide Integratiboari dagokionean mundu mailako eredu da Euskal Herria"
Abokatu da aspaldixko. 1999an, lanbidea aldatzeko lanean ari zela esan zuen: abokatuek osagile eta bakegile izan behar zutela. Barre egin zioten. Hurrena, berriz esan zuen, abokatuz betetako aretoan bazkaltzen ari zirela. Jaiki eta ondoko mahaira joan zitzaizkion kideak ihesi. Bakarrik utzi zuten. Hamar urte geroago, AEBetako abokatuen elkarteak saritu zuen, aitzindari eta bidegile aitortuz.
AEBetako abokatuen elkarte ABAk Legezko Errebelde izendatu zintuen 2009an, bidegile, inondik ere. Bestelako Zuzenbide bat duzu aldarri: Zuzenbide Integratiboa.
Bidea egiten ari den mugimendua da. Ez da, besterik gabe, pertsona bakar baten gorabehera, ezta gauzak egiteko modu bakar bat ere. Abokatuon lanean aldaketa dakarren mugimendua da, justizia eta bakea egiteko modu kontziente, humanistiko eta inklusiboagoa. Ahots bakar batek ez dauka aski indar munduan batean eta bestean lanean ari diren abokatuen nahia biltzeko, ezin du izan haien oihu ozenaren oihartzuna. Hala ere, gauza bera esaten ari gara denok: "Hau bestelakoa izan liteke!". Legezko Errebelde izendapena ekarri duzu zure galderara, eta egia esan ohore handia izan nuen. Handik pixka batera, berriz, liburua idazteko eskatu zidan ABAk. Ikusten eta ikasten ari nintzena konta nezan nahi zuten. Eta egin nuen: Lawyers as Peacemakers [Abokatuak Bakegile] idatzi nuen 2010ean, eta best seller -a izan zen. Ondoren, ildo beretik beste bat idazteko eskatu zidaten, eta Lawyers as Changemakers , The Global Integrative Law Movement [Abokatuak Aldaketa eragile, Mundu mailako Zuzenbide Integratibo Mugimendua] idatzi nuen 2016an. Eta best seller -en zerrendan izan zen hura ere.
Bide berria ireki duzu Zuzenbidean, ohiko bidea egiten hasi zinena.
1989an burutu nituen ikasketak. Abokatu lana egin nuen, baina ez zitzaidan hura gustatu. Negargarria iruditu zitzaidan abokatu lana. Gero, Chicagoko abokatu batekin topo egin nuen. Forrest Bayard zen. Berak bestelako abokatutza eredu bat zerabilen buruan: bakezkoak egitea, elkarlana, duintasuna... Horrelakoak aipatu zizkidan. Bestelako biderik bazitekeela erakutsi zidan. Ordu arte, uste nuen ez zitzaidala abokatutza gustatzen, baina neure kontua besterik ez zela, bakarrik nengoela pentsatzen nuen. Baina oker nengoen, ez nintzen bakarra, nonbait. Forrestek bizia aldatu zidan, eta abokatutza gauzatzeko modua bera ere bai. Nire egitekoa haren urratsei segitzea izan da, arrastoari segitzea, neure bidea eginez. Ondoren, nik ikusia gainerakoei jakinaraztea izan da nire lana.
Zuzenbide Integratiboaren onurak zabaltzen, aspaldi.
Abokatua naiz, gure lanbidean sistema-aldaketak helburu dituena, hau da, balio eta eredu jakin batzuk ezar daitezen nahi duena: Zuzenbide Integratiboa. Horretan ematen dut oraingo bizitza, nire irritsari segika bizi naiz munduan batetik bestera, balio jakin batzuen atzetik. Nortara edo hartara, gure lanbidea praktikatzeko modua aldatzen ari diren abokatuen jarraitzaile naiz. Gauzak ohi ez bezala egiten ari diren abokatuak zomorro arraroak dira lanbide bereko kideen begietara, nahiz egiten ari direna aurrerakoia, sinestezina eta ikaragarria izan. Tira, beharbada, horrexegatik jotzen dituzte zomorro arrarotzat. Bakarrik jardun ordez, taldean jardunez gero, lana askozaz ere errazagoa da. Aurrera egiteko adorea eta kemena ematen dizkizu taldeak.
Nola hasi zinen munduan barrena zure egia esatera ekarri zaituen bidean?
1999an ikastaro bat egin nuen. Lan ezinezko baten gainean pentsatu behar genuen, eta ezinezko hura egiteko bidea bilatu eta aurkitu behar genuen. Nik, Zuzenbidea aldatzeko proiektua asmatu nuen, sistema mailako aldaketa helburu zuena: abokatuak bakegile bihurtu nituen, auzi konpontzaile, gatazka bideratzaile eta beren inguruko giza taldeko aldakuntzaren eragile. Izan ere, uste baino indar handiagoa dute abokatuek. Influencer -ak esaten da oraingo egunean, eta irudi luke nornahi dela influencer , baina egiatan abokatuak dituzu influencer handienak. Bateko eta besteko komunitate, lantegi, konpainia, gobernu eta erakundeetan dituzu. Zernahi paper sinatzen duzula ere, zernahi kontratu, itun, akordio, dibortzio nahiz etxe erosketa eta salmenta... abokatua behar duzu. Nik, hortaz, proiektu "ezinezko" hura gauzatu nuen, pentsatuz porrot egiten banuen ere, mundua leku hobea izango zela nik lan hura egin ondoren. Horrelaxe hasi nintzen.
Kim Wright Euskal Herrian ibili berri da. Ezkerrean ditu Alex Carrascosa eta Mari Jose Anitua. Argazkia: Zaldi Ero.
Munduan barrena zabiltzala, jendea bildu duzu zure bidera.
Bat egin dugula esango nuke. Hasieran, artean munduan barrena ibiltzen hasi baino lehen, hainbat hitzaldi, ekitaldi eta askotariko jardunaldietan izan nintzen. Batzuetan, entzule; besteetan, parte-hartzaile. Haietan, nahi beste gai jorratzen zirela ikusi nuen. Batean, Zuzenbide holistikoa; bestean, jurisprudentzia terapeutikoa. Han, Zuzenbidea eta aferak konpontzeko modu sortzailea; hemen, aktibismoa. Hurrengoan, Zuzenbide-hezkuntza humanizatzeaz ari ziren, edo komunikazio ez-biolentoaz... Hala ere, toki guztietan, jendea hizketan hasten zenean, kezka bertsuak atzematen nituen, lanbidea beste era batera gauzatzeko nahia, asmoa, gogoa... Guztiarekin ere, ordea, bakarrik ikusten nuen neure burua saio haietan guztietan, beste inor ez zelako ari, ni bezala, era guztietako topaketetan parte hartzen. Jardunaldietako bakoitza txoko ezberdin bat zen, txokoen artean ez zen loturarik, inork ez zekien zertan ziren ondoko txokoan, ondoko jardunaldi edo topaketan.
Kezka bertsuak biltzera egin zenuen zuk.
Nolabait esanda, bai. Batean eta bestean aditzen ari nintzena bildu nuen, hau da, batera ekarri nituen bilkura guztietan behin eta berriz eta askotan aipatzen ziren kezkak. Laster, Zuzenbide arloan ari zen jendeari irakasten ikusi nuen neure burua, bide berriak urratzen eredugarri izan zitezkeenak identifikatzen, eta Zuzenbidearen garatzeari lagunduko zioten bideak bilatzen eta aurkitzen. Horrela abiatu nintzen. Baina Zuzenbidea eraldatzea ez zen, berez, lanbidea, ez zuen ordainsaririk. Bizi nintzen etxea utzi nuen, utzi nuen bulegoa ere, eta errepidera egin nuen. "Hasteko, hiru hilabeterako izango da", pentsatu nuen. Hamazazpi urte joan dira harrezkero. Eta, ordutik hona, inoizko abokaturik berritzaileenak, adoretsuenak, egiazkoenak ezagutu ditut munduan. Bideo-kamerari bat ondoan hartu eta lan berritzailea egiten ari ziren askorekin mintzatu nintzen. 100 lagun ere elkarrizketatu nituen. Tarte labur batzuk hautatu eta dokumentala egitea pentsatu nuen, baina laster ohartu nintzen lekukotasunak indar handikoak zirela, oso, eta web batean jarri nituen [ Cutting Edge Law YouTube channel ].
Zer da Zuzenbide Integratiboa?
Azaltzeko eskatzen didatenean, istorio bat kontatzen hasten naiz, itsuen eta elefantearen kontu zaharra. Ba omen ziren sei itsu, eta bizian estreinakoz, topo egin zuten elefante batekin. Bakoitzak elefantearen atal ezberdina ukitu zuen. Batak, hanka ukitu eta esan zuen: "Arbola bat ematen du". Besteak, sudurra ukitu zion, esanez: "Sugearen eitea du". Buztana ukitu duenak, soka itxura ematen dio elefanteari. Belarriak ukitu dizkionak, haizetakoak irudi dutela dio. Bizkarrak, horma ematen du. Letaginak ukitu dituen itsuak ezpata direla pentsatu du. Hortaz, nork bere egia du, eta eztabaidan dira, nork bere egia besterik ikusten ez duela. Ez dizut ekarri, baina Zuzenbide Integratiboa zer den azaldu behar dudanean, nire lagun batek egurrean egindako elefante baten irudia izaten dut eskura. Kur, kur... Zuzenbide Integratiboa elefantearen gisakoa da. Hainbat aldetatik begira lekioke mugimenduari, hainbat pieza ezberdin ditu. Eta, mugimenduko kideen artean ere, batzuek dudarik ez dute beraiek egiten ari direnaren gainean, baina ezer ere ez dakite ondokoak egiten ari diren hartaz. Beste batzuek, aldiz, elefantearen osotasunaren kontzientzia dute, baina ez dituzte piezak bereizten. Hala ere, bestelako Zuzenbide bat dute denek gogoan, sortzailea, bakegilea, eraldatzailea...
Argazkia: Zaldi Ero.
Zer jakin beharko genuke Zuzenbide Integratiboaz?
Zuzenbidea gauzatzeko orain artekoa ez bezalako bidea dela. Ez da lehiakorra, ez erasokorra. Zuzenbide Integratiboa praktikatzen duten abokatuak mundu bat hobea egiten saiatzen ari dira, denak batean. Bizimodu ona opa diote jendeari, beren buruekin gustura egoteko moduko bizia. Bitartekaritza, justizia bizigarria, elkarlan praktikak, eta hori guztia, psikologia positiboaren eta gizarte neurozientziaren elementuz osatua. Abokatu hauek epaitegira jo aurreko soluzioak nahi dituzte, lege sistemaren parte diren guztien ongizatea, abokatuena eta bezeroena barne. Zuzenbidera datorren hurrengo olatu handia da Zuzenbide Integratiboa. Elkarlan zuzenbidea, hemen, nahi baduzu.
Euskal Herrian ere ari zara, zenbait abokaturekin lanean.
Batean eta bestean erein dut hazia. Hala ere, toki guztietan ere baitezpadakoak dira eguzkia, euria, ongarriak... Nik esatera, Zuzenbide Integratiboari dagokionean, mundu mailako eredu da Euskal Herria. Inon baino hobeto, inon baino gogotikago ari dira Zuzenbidea eraldatzeko lan honetan. Abokatuekin, epaileekin eta beste zenbait ordezkarirekin harremanetan naiz hemen. Seigarren bidaia ere badut Euskal Herrira. Internet bidez jakin zuten nire berri. Amsterdamen gertatu ginela elkarrekin uste dut, 2015ean. Harrezkero, hainbat aldiz etorri naiz: orain artean Zuzenbidea gauzatzeko modua aldatu, eta gizartearen eraldatzaile, bakegile, pentsalari, balio jakin batzuen jabe... egin nahi ditugu abokatuak, eta abokatuak ez ezik, Zuzenbideari lotutako gainerako langileak.
Hemen zarenez, baitezpadakoa da galdera: zer moduz Trump presidente duzuela?
Hori ere bai? Trump sintoma bat da. Batetik, zenbait jendek aldaketa nahi zuen. Bestetik, arrazakeria barruan sartuta darama zenbaitek. Batzuk sufritzen ari ziren eta gorriak ikusten ari dira oraindik ere, Trump hautatu zuten guztien artean. Orain, berriz, botere gose direnek hortxe nahi dute Trump, beren etekinak areagotu beste helbururik gabe. Baina, diot nik, dagoeneko bilioi bat dolar daukanak, zertarako nahi ditu bi bilioi eduki? Espero dut hurrengo hauteskundeetan egoera bere onera etortzea, eta gure gizarteak atzera berriz gehiengoaren balioak berreskuratzea. | news |
argia-1f5622064dad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/antudo.html | Siziliaren independentzia birpentsatzen | A. Mimentza | 2018-10-14 00:00:00 | Siziliaren independentzia birpentsatzen
Kokapena dela eta Sizilia betidanik egon da inperio eta interes askoren menpe. Hamaika konkista eta beste hainbeste matxinada bizi izan ditu, eta horren ondorioz errebeldia kulturan oso sustraituta duen herria da siziliarra.
Gaur egun Italiako errepublikaren kolonia papera jokatzen du askoren iritzitan, eta ez bakarrik hegoaldeko erregioetan - mezzogiorno delakoan- ohikoa den azpi-inbertsioaren ondorioz. Azken hamarkadetan langabezia tasa eta krisi soziala gehien areagotu diren tokia da. Iparraldeko eskualdeen zerbitzura sortutako ekonomiak, puztutako administrazio eta burokrazia publikoak, industriaren desegiteak eta lurraldearen beharrei erantzun gabe ustiatutako baliabide naturalek menpekotasun politika mantentzera kondenatu dute.
Sizilian nagusiki ustiatzen diren baliabideak bi dira: kulturalak (turismoaren bidez) eta naturalak (zabortegi, errauskailu, gas zulaketa eta petrolio findegien bidez, besteak beste). Siziliaren esportazio nagusiena elikagaiak dira eta kazikismoaren kontrolpean dauden nekazaritza-ustiaketetan ekoizten dira gehienbat. Mendebaldeko herrialdeek bultzatutako gerretatik ihesean dabiltzan pertsona errefuxiatuak dira lan-indar nagusia, muturreko baldintza prekarioetan esplotatuak. Garapen eredu zanpatzaile horrek lurraldea eta biztanleria etekin-iturri bilakatzen dituen bitartean, paisaia suntsitu, ondarea xurgatu, lurra eta airea kutsatu, era guztietako eskubideak urratu eta komunitate harreman oro desegiten ditu. Gainera, eskola absentismo handiak zein gazteen emigrazioak (175.000 azken hamarkadan) etorkizun are beltzagoa marraztu dute uhartearen gainean.
Autodeterminazioaren aldeko margoketa Palermoko horma batean. (A. Mimentza)
Mafia, Siziliako fenomeno autoktonoa?
Egoera horren aurrean ez da harritzekoa siziliar askok biziraupen bideak ekonomia eta arau ofizialetik kanpo bilatu behar izatea. Hala ere, ilegalitatearen fenomeno zabala ez da mafia siziliarraren irudi hollywoodiarrarekin nahastu behar. Administrazio publikoa bezerokeria-harremanen zerbitzura baliatzen dituzten sareak dira mafiak; hau da, tokiko eta estatu-mailako alderdi politikoen konplizitatearekin lurralde baten gainean jauntxo izatea bilatzen duten talde ekonomikoak. Fenomenoa Siziliaren patrimonio izatetik urrun, edonon gertatzen da. Baita gurean ere. Ustelkeria praktika ohikoenak azpiegitura erraldoien eta zaborren kudeaketarako kontratu publikoen esleipenean eta etxebizitzen eraikuntza espekulatiboan gertatzen dira. Ezaguna da Siziliak Italia osotik datozen zaborrak jasotzen dituela pilatu eta errausteko, biztanleriaren minbizi eta osasun arazoek gora egin duten bitartean. Muturreko kasuetan soilik droga eta pertsonen trafikoa ere gehitzen zaizkie antolaketa kriminal hauen jarduerei.
Ez da ahaztu behar mafia hauek gerraostean AEBen eskutik itzuli zirela, alderdi komunista neutralizatzeko helburuarekin. Era berean, interes militar ugari dago jokoan uhartearen garrantzia geoestrategikoa dela eta. Estatubatuarrek eta NATOk base militarrak baliatzen dituzte bertatik Mediterraneo osoa kontrolatzeko eta Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean gerra egiteko. Horren adibide dira Sigonellako basea, munduko "dronen hiriburua" izenez ezaguna, eta MUOS abiadura handiko telekomunikazio sistemaren antenak.
Niscemi herrian eraiki den MUOSaren antenek aurkakotasun handia sortu dute uhartean. (Argazkia: Aniedbalski)
Horrek guztiak uhartearen kolonia izaera eta Italiako Estatuko dependentzia katea elikatu eta areagotu egiten du, eta hainbat izan dira independentzia aldarrikatzeko antolatu diren esperientzia historikoak. Aipagarrienak 1943an sortutako MIS (Siziliaren Independentziarako Mugimendua) alderdia eta Antonio Caneparen EVIS (Siziliaren Independentziarako Boluntarioen Armada) autodefentsa gerrillak izan ziren. Gerraostean, ordea, alderdiaren korronte moderatuak mugimenduaren gaineko kontrola hartu zuen, eta autonomia estatutua lortu eta gutxira desegin zen. Ordutik estatu siziliarra helburu izan duten taldeak marjinalak izan dira panorama politikoan, gehienak kutsu eskuindar eta tradizionalistarekin.
Mugimendu berri baten jaiotza
Duela hiru urte sortu zen Antudo, Sizilia mailan antolatutako herri mugimendu anitzen koordinazio gunea. Uhartearen independentziaren aldeko aldarri historiko baten izena hartu du, iragana berreskuratzeko eta oraina borrokatzeko asmoari lotuta. Ordutik hirietako eta landa-guneetako borrokak saretzen ahalegindu dira. Palermon eta Catanian periferietako auzoetan oinarrizko beharrak asetzeko iniziatibak antolatzen dabiltza, etxebizitzaren, osasungintzaren edota kirolaren arloetan. Halaber, irakaskuntza eta formazio guneetan, unibertsitatean batez ere, kultura eta historia propioaren berreskurapenean lanean ari dira. Landa-guneetan azpiegitura erraldoi eta kutsakorren, eta base militarren aurkako batzorde lokalen sarea sortu dute.
Mugimenduaren helburua da autogobernu-ikuspegia maila guztietara zabaltzea, Estatuaren kontroletik eta kapitalismotik independentzia lortzea. Horretarako ezinbestekotzat jotzen dute zapalkuntza kolonialetik askatzea, ekonomia asistentzialista apurtzea eta kultura siziliarraren defentsa. Finean, dependentzia suntsitzea eta lurraldearen kudeaketa eta garapen eredua bertako komunitateak berak erabakitzea: zergen gaineko kontrola izatea, instituzio lokalen inbertsioa bertako beharrei asetzera bideratzea, kanpoko kapitalaren interbentzioa eta ustiaketa gelditzea, berdintasun handiagoa eta birbanaketa justuagoa lortzea, gazteen emigrazioa gelditzea, herritarren parte-hartze forma berriak asmatzea, edota hizkuntza propioa balorean jartzea.
Aurrez aipatutako azpiegituren aurkako 'No MUOS' manifestazio bat.
Independentzia ez dute boterearen egungo forma instituzionala kudeatzearen sinonimotzat hartzen. Antudoren ustez independentzia erantzunaren forma da, baina edukia beste bat da: elkartasunean oinarritutako harremanak sortzea, Kurdistango Rojavan konfederalismo demokratikoarekin ikusi bezala. Beraz, beraien helburua ez da estatu-nazio soil bat lortzea. Behetik gorako prozesu luzea irudikatzen dute, lurraldea ustiatzearen aurkako kontzientzia sortu eta kontzientzia hori politikoki antolatzea da oinarria. Brexit eta Kataluniako prozesuetan boterearen zentralizaziorako joeraren aurkako erresistentziak aztertu ostean, lurraldearen burujabetza borrokaren erdigunean jartzea erabaki dute. Horrexegatik baliatzen dute Siziliako bandera –trinakria– identifikazio ikur gisa, ezaugarri etnikoei beharrean norberaren bizilekuaren defentsari arreta jartzeko. Arrazoi beragatik ez dute balizko independentzia baten ondoren euren burua Europar Batasunaren barruan ikusten, horrek erabakitzeko gaitasuna urruntzearekin batera iparraldeko herrialdeen nagusitasuna eta merkantzien zirkulazioa errazteko mekanismo ekonomikoa dela uste dutelako.
Zailtasunak, siziliar askoren miseria eta emigrazioa, ez dira gutxi. Hezkuntza sistemak bultzatzen duen nortasun italiarra oztopo nabarmena da pentsamolde kolonizatuarekin hausteko, eta kultura eta hizkuntza siziliarrak mespretxua pairatzen dute jende askoren partetik. Siziliako gobernuak 2019tik aurrera eskoletan hizkuntzaren berreskuratze-saiakera txiki bat aurreikusi duen arren, periferiako auzo eta landa-guneetatik kanpo siziliera oso bazterturik dago.
Gaur egun mugimenduaren erronka nagusia galdera honi erantzuna ematea da: zelan gobernatu lurralde bat estatu egiturarik gabe? Sizilian, eta Palermon zehazki, aukera ugari daude. Herri eta auzo asko Italiako Estatuaren partetik guztiz abandonatuak sentitzen dira (errepresiorako izan ezik), eta nortasun siziliarra eta erreboltarako joera indartsuagoa da. Hegoaldeko auzia – Questione meridionale – betidanik izan da Italiaren arazoetariko bat, eta gaur-gaurkoz eraldaketarako gakoa lurralde horietan dago, estatu-egituraren kate begi ahula direlako. Aukera guztiak mobilizazio potentzial bilakatzeko giltza aurkitzean dago gakoa. Kataluniatik jaso duten ikaspena da instituzioek jendartearen atzetik joan behar dutela, horrek bakarrik eragin ditzakeelako aldaketa errealak.
Abuztuko kanpaldia, argitara jauzia
Abuztuan mugimenduak kanpaldia antolatu zuten Petrosino herrian, Trapaniko probintzian. Helburua gaur egungo egoera aztertzeko gogoeta eta elkartruke momentu bat sortzea izan da, eta etorkizunerako programa bat garatzea, independentziaren diskurtsoa edukiz betetzeko.
Hausnarketa eta eraketa prozesuan dago Antudo mugimendua. (Argazkia: Askapena)
Orain arte ezezaguna izan den proiektua ikusgarri egin eta zabalpen publikorako jauzia egitea ere bazen asmoa. Topaketa hauetan gai asko landu dira asanbladetan. Alde batetik, emakumeen rola askapen prozesuan eta ikasle mugimenduaren artikulazioa, ikastetxe eta unibertsitateetan. Eta bestetik, autodeterminazio prozesuak aztertu dituzte, horietatik atera daitezkeen irakaspenak beraien prozesu propioan txertatzeko. Herrien arteko elkartasunaren ezinbestekotasunaz jakitun, Askapenako eta Endavanteko kideek Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako egoerez mintzatu ziren, eta Kurdistanen izandako kideek hango esperientziak azaldu zituzten. Amaitzeko, aurrera begirako lan-ildoei buruz aritu ziren, borrokaren oinarriak fintzeko.
Antudo oraindik eraketa prozesuan badago ere, gertutik jarraitzeko esperientzia izan daiteke. Euren esanetan burujabetzarako bideak lurralde bakoitzak sortu behar ditu, eta beraien borroka berrasmatzeko gai izan nahi dute: aipatutako erronka guztien aurrean erantzun eraginkor bakarra independentzia dela frogatzea. | news |
argia-4395170b6f54 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/urrunan-saltoki-ekologikoa-helburu.html | Urru�an saltoki ekologikoa helburu | Garazi Zabaleta | 2018-10-14 00:00:00 | Urru�an saltoki ekologikoa helburu
Apirilaz geroztik astero elkartzen dira Larrunkoop proiektuko kideak Urruñako Posta gelan. Zertarako? Tokiko ekoizpenak eta produktu ekologikoak salgai egonen diren kontsumitzaileen kooperatiba sortzeko. Proiektuaren oinarriak zehazten aritu dira azken hilabeteetan, eta urriaren 12an eginen dute egitasmoaren aurkezpena. Hortik aurrera, martxan jarri nahi duten denda irekitzeko jendea biltzea espero dute.
Tokikoak eta ekologikoak lehentasuna
Inguruan dituzten antzeko proiektuak eredu hartuta –Labore edo Otsokoop, esaterako– beren bideari ekitea erabaki zuten Urruñako hainbat lagunek. "Beharra badago beste modu batez kontsumitzeko, egun daukagun aukera ez zaigulako gustatzen eta beste zerbaiten bila gabiltza. Bestela ez lirateke hainbeste proiektu martxan jarriko alde guztietan", zioen Adélaïde Daraspe Larrunkoop proiektuko kideak Antxeta Irratian egindako elkarrizketan. Urruñan herriko epizeria salgai zegoela jakin zutenean hasi ziren hainbat lagun biltzen, jendearengana zabaldu eta proiektua sortzeko. "Gure epizerian ez da soilik jatekoa egonen, egunerokoan behar dugun guztia egonen da", azaldu zuen Arturo Villanueva kideak. Eskainiko dituzten produktu horien artean, ahalik eta gehien tokikoa eta biologikoa izatea da euren printzipioa. "Nahi dugu ongi jan prezio justuetan, bai guretzako, bai ekoizleentzako, bai ingurumenarentzat. Ez bizitzarekin negozioa egitea".
Urriaren 12an hitzordua
Urriaren 12an eginen dute egitasmoaren aurkezpena Urruñako Itsasmendi Zineman. Kooperatibako kide izateko 100 euroko ekarpena eta hilero hiru ordu lan komunitario eskaini beharko dira. Dendak noiz irekiko dituen ateak? Urte berrira begira daude, baina bultzatzaileek diotenez, "dena ditugun esku eta burmuin kopuruen arabera izanen da". | news |
argia-b0b94ce19fe5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/ar-eta-eme.html | Ar eta eme | Ana Mendia | 2018-10-14 00:00:00 | Ar eta eme
Lozorroan topatu du biloba. Malkoari ezin eutsi, "Ongi etorri, maitea" esan eta kopetan eman dio musu. Bat-batean, ordea, jaioberriari begira-begira lerdea zeriola zegoen amonari irribarrea desagertu eta supituan sikatu zaizkio begiak. Zerbaitek harrituta burua sehaskatik jaso eta zalantzakor galdetu dit: "Baina, mutila da, ezta?".
Iraganeko ohitura dirudi, baina gaur-gaurkoa da haurdun geratu eta berehala bidean datorren txikiaren sexua zein izango ote den jakiteko pizten den ezinegona; gaur-gaurkoa da familia zain edukitzea, apustua nork irabaziko. Pena da, baina nago ez ote den jakite hutsetik harago doan ardura; zalantza egiten dut haurrak munduratu aurretik ez ote ditugun era batean edo bestean hezten. Etorkizuneko argazkia ekografiaren arabera irudikatzen dugu, akaso.
Kontziente naiz ez dela zilegi orain berrogeita hamar urteko abiapuntu berean gaudela esatea. Mereziduna da oraina oparoago bilakatzeko desirari helduta borrokan ari direnen arrastoa. Askoren kontzientziako atea jotzea lortu dutelakoan nago. Kasurako, zenbaitek jaiotzaren erregistroan jada ez dugu idazten jaioberria gizonezkoa edo emakumezkoa den; genitalak deskribatzera mugatzen gara. Aniztasunaren aldeko keinu lotsati bat baino ez da, badakit; jubilatzear dagoen lankide batek "gaur egungo modernitate" gisa etiketatu duen detaile xume bat baino ez. Tira, hori uste nuen, behintzat.
Ondo pentsatuta, bitxia da ekintzek nola salatzen gaituzten ikustea; gure diskurtsoa nola isilarazten duten entzutea. Egia aitortzen hasita, gogoan dut orain gutxi mututu nindutela ni, amatxo bati sabel barruan nor zeraman galdetu eta izen neutro bat erantzun gisa jaso nuen une berean. Orduantxe bota zuen inolako erreparorik gabe oihartzun batek nire barruan: "Eta zer da, orduan?". Horra hor emagin modernoa kofia jantzita ia.
Beharbada gure buruari egiten dizkiogu haurrek erantzun beharreko galdera gehiegi. Ze, jaioberriek hankartean zer dakarten jakiteak nire jardun profesionala aldatuko balu edo, sikiera nire barruko oihartzun horren alde egin ahalko nuke. Zentzugabekoa da, ordea. Zentzugabekoa da haurrak mutilak edo neskak diren epaitzea. Eta zinez ematen dit min ohitura soil moduan jantzi den derrigortasun hori bazterrean uzteko ezintasunak.
Gustura egingo nuke nik ere, jaioberriaren amonak egin duen modu berean, pisurik gabe hasperen. Pozez busti zaizkio berriro begiak: "Ez, larritu. Ospitalean parean tokatzen den maindirea erabiltzen dugu eta horregatik jarri diogu arrosa kolorekoa zure bilobari", esan eta segituan. Erraz irten da estutasunetik. Ni, berriz, ezer argi ez dudan usteak jota geratu naiz. Mugak gainditzeko saiakeran galduta, berriro; ezustean itota, beste behin. | news |
argia-95562232e7a9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/birsortzeko-aroa.html | Birsortzeko aroa | Eneko Gorri | 2018-10-14 00:00:00 | Birsortzeko aroa
Ikasturte berri horren hasieran, jarraian agertutako bi gertakari berdintsuk piztu dute nere atentzioa: bata urriko lehen igandean Lapurtarren Biltzarra ez dela ospatuko aurten, eta bestea, EHZren "hil ala biziko" bilkura. Uda osoan ezagunekin izandako solas etsitu, erre eta galduekin oihartzuna egin dute albiste horiek. Gorabeherak ez dira berriak herri mugimenduetan. Mundu zabalean behatzen diren prozesu berdinak gertatzen dira Euskal Herrian; erlatibizatu dezagun afera.
EHZ festibalaren inguruan asko idatzi da. Afekzio sobera dut horren inguruko gogoetak partekatzeko. Sinple egiteko, errango nuke bi funtzio bete izan dituela azken 20 urteetan: bata barnera begira, bestea kanpora. Bi funtzio horiek, oraindik beharrezkoak direla errango nuke.
Kanpoari begira, gibeltasuna hartuz, aitor dezagun, azken bi hamarkadatan kultur paisaia asko aldatu dela. Subertsiboa zena (euskaraz kantatzea edo rock kontzertu bat antolatzea) arrunta bilakatu da. Batzuek diote ez dela baitezpada seinale txarra EHZ desagertzen bada. Normalizazio baten ondorioa edo. Ez naiz ados. Merkatuak irentsitako kultur eskaintza aseptikoaren ondoan, bada alternatiba erradikalaren beharra.
Ez gaitezen erreprodukziora mugatu, ez eta aldaketaño kosmetikoekin konformatu. Utz diezaiogun gazteriari espresio modu urratzaile berriak bilatzen
Aitzineko belaunaldiek sortu dituzten tresnak kudeatzera ez dira mugatu behar gaurko ekintzaileak. Sortu, asmatu, esperimentatu, menturatu. Lagun batek dioen moduan, "indio gehiago eta jefe gutxiago" behar ditu gure herriak; "kudeatzaile gutxiago eta sortzaile gehiago" gehituko nuke. Ez gaitezen erreprodukziora mugatu, ez eta aldaketaño kosmetikoekin konformatu. Utz diezaiogun gazteriari espresio modu urratzaile berriak bilatzen. Jendea asaldatu, inarrosi eta kontzientziatuko dituen gertakaria. Aitzinekoek transmititu dieguna izorratzeko eta porrot egiteko eskubide osoa dutela onar dezagun.
Barnera begira, EHZ desagertzen bada, non partekatuko dute lan txanda bat Euskal Herria aldatu nahi duten horizonte desberdinetako militanteek? XXI. mende horretan, non topatuko dira Garaziko Gaztetxeko gaztea, Ernai mugimenduko militantea, Amankomunak sareko autonomoa, Hazparneko emazte feminista, Iruñeko euskaltzalea, Itsasuko kabalkadako antzerkilaria, Bermeko sortzailea, Baionako antifaxista, Errekaleorreko bizilaguna, EH Baiko hautetsia eta Mauleko ekintzaile ekologista? Zein da haien espazio partekatua?
Nostalgikoa izateko hamaika arrazoi ditugu, bere historian herri hori gauza erraldoiak egiteko gai izan delako. Baikorrak izateko zergatiak ere baditugu, etorkizunean ere dabilen harria garenez goroldiorik ez baita agertuko gure jendartearen gainean. Gora bihotzak! | news |
argia-368cd8462d85 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/melanie-serrano-etiketak-erraustu.html | "Bar�an hasi nintzenean gure taldea amateurra zen, orain profesionala da" | Saioa Baleztena | 2018-10-14 00:00:00 | "Bar�an hasi nintzenean gure taldea amateurra zen, orain profesionala da"
Emakumezkoen Barcelona taldeko (FCB) jokalaririk aspaldikoena da Melanie Serrano (Sevilla, Andaluzia, 1989). Neska-mutilen arteko parekidetasunetik urrun egon arren, hamabosgarren denboraldia abiatu berri duenean emakumezkoen futbolaren eboluzioa azpimarratzen du gorri-urdinak.
Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
Zorionez. Motelegi goaz, baina futbolean jolastu nahi duten nesken egoera gaur egun, nire garaian baino xamurragoa da. Egoera deseroso asko bizi behar izan nituen, egia esan, gerora bidean topatu ditudan gainontzeko neskek bezala. Gogoratzen dut nire lagun mutilen gurasoek mespretxuz jokatzen zutela nirekin, eta, hori gutxi balitz, taldeko gainontzeko jokalariek burla egiten zuten euren artean, jokaldi edo gol bereziki ona egiten nuenean.
Koxkortu zinenean mantendu al zen bazterketa hori?
Egia esan, inflexio puntu bat egon zen Kataluniara etorri nintzenean. Sevillan bizi nuenarekin alderatuz, hemen gizarteak mentalitate irekiagoa du orokorrean, eta, bereziki, kirolari dagokionez. Emakumeok erraztasun gehiago ditugu gizonezkoei aitortu izan zaizkien kirolak praktikatzek.
Zeintzuk izan ziren zure ttikitako erreferenteak?
Ez dut erreferente zehatzik. Baina txikitxoa nintzenetik argi izan nuen futbolari profesionala izan nahi nuela. Beraz, amets hura egia bilakatzeagatik borrokatu izan dut beti. Pentsatzen dut, hein batean, miresten nituen jokalari mutil horiek zirela nire erreferenteak, gehien bat, garai hartan emakume futbolaririk ez zegoelako. Zorionekoa sentitzen naiz hainbeste amestu nuen hori ase eta gustuko dudanaz lan egiteko aukera dudalako.
Zer deritzozu nesken futbolaren eboluzioaz?
Berdintasunetik urruti gauden arren, asko hobetu da. Esango nuke publizitatearen afera gakoa izan dela zentzu horretan: hainbat markaren babesak ikusgarritasuna eman digulako. Sekulako aldea nabaritzen dugu. Era berean, futbol klubak geroz eta apustu irmoagoa egiten ari dira nesken futbolarekin, eta nork bere harri-koskorra ekarrita egoera are gehiago hobetuko da.
Argazkia: Oriol Clavera
Zenbateraino eragiten dute futbolean patriarkatuak josi dituen estigmek?
Arazo nagusia da emakumea etiketatzeko joerak min handia egin digula. Historikoki aitortu zaizkigu garbiketa eta zaintzari lotutako rolak. Baina begien bistakoa da, gure aurreko belaunaldietako emakumeek gaur egun ditugun aukerak izan balituzte, gizonei aitortu zaizkien kiroletan trebeak izango ginateke aspalditik. Sistema matxista baten biktimak gara eta horregatik, emakumezkoen futbol profesionalaren historia duela gutxi hasi gara idazten.
Lan anitz dago egiteko. Espainiako Erreginaren Kopan, Erregearen Kopan ez bezala, Erregina ez da orain arte sekula aurkeztu. Nola da posible?
Ulertezina da Espainiako Erregina bere izena daraman lehiaketaren finalera ez agertzea. Lehiaketa honetan azaleratzen da, ikaragarri, nesken eta mutilen kirolen profesionalitatean dagoen desberdintasuna. Lehentasun kontua da eta, zalantzarik gabe, emakumeen futbola normalizatzeko ezinbestekoa da ordezkari nagusien babesa. Beraz, bera ez badator, Erreginaren Koparen izena aldatu beharko genuke…
Zenbateraino hobetu da orduan egoera azken urteetan?
Tira, ni Barçan hasi nintzenean gure taldea amateurra zen. Gizonezkoen klubetik erabat urrunduta zegoen gure taldea. Gaur egun, aldiz, profesionalak gara. Kontuan hartu, adibidez, duela gutxi arte bidaia gehienak autobusez egiten genituela eta orain hegazkinez goaz. Sekulako aldea dago.
Udan iskanbila egon zen mutilen taldearekin egin zenuten bidaia batean. Zuek turista klasean eta eurek business klasean bidaiatu zenuten.
Tira, jendeak morboa bilatzen du. Baina esaidazu lehen mailako zein nesken taldek egin duen bere klubeko mutilen taldearekin bidairen bat. Noski, berdintasuna aldarrikatzen dugu, baina kasu honetan eskertzen dugu klubak eman digun aukera. Ikaragarria izan da. Eta kluba kritikatu ordez, gainontzeko futbol taldeek ere FCBren eredua betetzen dutenean, zalantzarik gabe gertuago egongo gara futbolaren parekidetasunean.
Hamabosgarren denboraldia betetzen duzu aurten FCBn. Zer da zuretzat klub hau?
Nire bizitza da. Nire familia. Hemen igaro ditut urterik garrantzitsuenak, une on eta txarrekin. Beraz, pertsonalki asko irakatsi dit. Beti eskertuko diot Barçari nirekin kontatu izana.
Zein dira aurrerantzean zure erronka nagusiak?
Epe laburrean, Champions txapelketaren trofeoa altxatu nahiko nuke, hori baita orain arte lortu ez dudan bakarra. Espainiako Liga eta Erreginaren Kopa irabazi nahiko nituzke berriro ere. Baina, batez ere, Barçarekin une bakoitza gozatu nahi dut.
Etorkizunera begira, jokalari ibilbidea amaituta, entrenatzaile izan nahiko al zenuke?
Noski, entrenatzaile izateko ikasketak baditut. Baina oraingoz behintzat ez dut etorkizuna gehiegi begiratzen, egunean egunekoa bizitzen saiatzen naiz. Hala ere, bai, gustatuko litzaidake entrenatzaile izatea. | news |
argia-aa7a075e53b2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/atlantikoa-eta-mediterraneoa.html | Atlantikoa eta Mediterraneoa | Jakoba Errekondo | 2018-10-14 00:00:00 | Atlantikoa eta Mediterraneoa
Euskal Herri atlantiarreko lurretan uzta handiena dakar udazkenak: artoa, babarruna, kuia, sagarra, intxaurra, gaztaina eta abar. Fruitu eta hazi horiei ahalik eta luzeen onik eustea izan da nekazarien lanik zailenetakoa. Udazkena bera eta batez ere negua gozatuko duten jakiak dira. Ondo helduta behar den sasoian bildu, mailatu gabe, zauririk egin gabe, ondo lehortu eta ahalik eta luzeen iraunarazteko toki egokienean jaso: iluna, haizeberritzen dena, hotza eta lehorra.
Gure negugoa elikatu eta gozatuko duten uzta horiek beste batzuena ere osa dezakete. Har, zomorro eta gurgurio asko ibiliko da goseak jota zer jan topatu ezinik. Onddoek ere bazka behar dute negualdian. Horiek denak gure uztaren biltegietara ez iristea, eta iritsiz gero ahalik eta azkarrena uxatzea da helburua.
Ereinotzak edo erramuak lagunduko digu. Kanarietako La Lagunako Unibertsitatean ondu duten lan batek dioenez, erramuak dituen olio esentzia aromatikoek hiru lan egiten dituzte jaki biltegietan: intsektuen erasoa mantsotu, onddoen ugaltzeari eutsi eta laboreak badira aleen ernetzea geldiagotu. Han badute berezko ereinotz bat, Laurus novocanariensis . Horren eragina ederki neurtu dute arkeologoek mila urte dituzten bihi-biltegietan: aleak babesteko ereinotza jartzen zuten tartean. Uharte horietan eta Makaronesia osoan erramua nagusi den baso ekosistema bereizi bat dute, laurisilba deitzen dena, "erramuaren basoa" alegia. Baso horren tankerako arrastoak ditugu gure lur atlantiarretan, baina geurean erramu arrunta dugu, Laurus nobilis mediterranearra alegia.
Gure kultura ez da erramuzalea, mediterranearrek askoz gehiago erabiltzen dute. Baita txingurriak, arropako sitsak, pipiak eta abar uxatzeko ere. Etxea babesteko kristauek erramua bedeinkatu egin behar dute; geure atarietan jartzen diren lizarra ( Fraxinus excelsior ) eta elorriak ( Crataegus sp. ) berez dira "bedeinkatuak". Klima mediterraneartzen ari zaigun honetan, agian uztaren onerako behinik ere ikasi egin beharko genuke eta ereinotza etxekotu. Izan ere uzta salbatzen duelako gurtuko dute ziur aski, eta guk txapela jartzen diogunari han ereinotz koroa edo erramu boneta jarri. Hala ere, uzta hori jateko orduan lapikora ereinotza sartzera iristea kostako zaigula iruditzen zait. Izan ere, kultura atlantiarra da geurea. Boneta artilezkoa. | news |
argia-66e633f495c9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/saio-zaratatsuak.html | Saio zaratatsuak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-10-14 00:00:00 | Saio zaratatsuak
Killerkume taldearen azken diskoa ederra da. Ederki jasotzen du jendaurrean jotzen dutenean egiten duten soinu gordina, beren nortasuna. 2016an Winterswijken (Herbehereak) dagoen White Noise estudioan zuzenean eta bikain grabatuta dago, Marlon Wolterink teknikariaren ardurapean, eta Joxean Rivas Killerkume taldeko bateria eta perkusio jotzaileak masterizatuta.
Joxean Rivasekin batera Mikel Sowsyah (gitarra eta efektuak) aritzen da Killerkume taldean. Bi taldekide besterik ez dira, baina bien artean sekulako soinu burrunba sortzen dute. Pieza luzeak jotzen dituzte, bizitasunarekin, esperimentatzen eta inprobisatzen, eta noise-rock eta hardcore kutsuko giroak dira beren jardunaren emaitza. Bateriaren kolpe eroak, erritmo oso azkarra, gitarraren riff bortitzak eta kolore ugaritako ukituak eta zertzeladak... Doinu abstraktuak dira, frenetikoak. Azken batean, pieza bakoitza saio zaratatsu bat da.
Killerkume taldea Bilbokoa da, 2012an jaioa. Joxean eta Mikel aurretik Loan, Ximel, Mirage eta Hauts taldeetan aritzen ziren. Urteotan, Killerkume taldearekin, han eta hemen aritu dira, Euskal Herrian eta kanpoan: Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainiako Estatuan, Alemanian, Herbehereetan, Italian, Frantzian eta Portugalen.
2015ean Trautzer Blaster 12 hazbeteko binilozko diskoa argitaratu zuten eta 2016an beste 12 hazbeteko binilozko disko bat, Industrial Sunbath . Hain zuzen ere, aurten kaleratu duten White Noise Session lana Industrial Sunbath diskoaren zuzeneko bertsioa izan daiteke, disko horretan dauden bost piezetatik lau entzun baitaitezke lan berrian ( Ebakuntza gela , Bilbullshit, Harrapakina eta Never-ending spring ), eta sarrera moduko pasarte bat. CD formatuan 100 kopia besterik ez dituzte argitaratu baina disko osoa Interneteko Bandcamp plataforman entzun daiteke ( killerkume.bandcamp.com) .
Joxeanek eta Mikelek inprobisatzea eta esperimentatzea atsegin dute, nabarmena da, Killerkume taldean aritzeaz gain, Orbain Unit taldean ere jotzen baitute, Akauzazte, Los Plomos eta La Hora del Primate taldeetako partaideekin batera. | news |
argia-980465fd5e73 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/zahartzaroko-mendekotasunak.html | Zaintza birpentsatuko bagenu? | Z. Oleaga | 2018-10-14 00:00:00 | Zaintza birpentsatuko bagenu?
Nola erantzuten diegu zahartzeari loturiko mendekotasun fisiko zein psikokognitiboei eta horiek sortzen dituzten zaintza beharrei? Nola gurutzatzen dira klasea, arraza eta generoa zaintzeko eta zaindua izateko orduan? Erantzun diezaiokegu zahartzeari praktika komunitarioetatik?
Mendekotasunak eta zaintza beharrak ez dira bizitzaren une zehatz batean hasten edo amaitzen. Pertsona guztiok jasotzen ditugu izaera bateko edo besteko zaintzak jaiotzetik, eta bizi garen artean (ia) denok ematen dizkiegu inguratzen gaituztenei. Aldatzen dena une bakoitzean ditugun behar eta mendekotasun motak dira, horien intentsitatea, eta eman ditzakegun zaintzena. Zahartzean, zaurgarritasunak eta mendekotasunak areagotu egiten dira. Gaitasun fisiko eta psikokognitiboak urrituz doaz. Laguntza gehiagoren beharra dugu, laguntza gutxiago eskaini dezakegu.
Arazo baten argazkia
Gaindegia behategiak eskainitako datuen arabera, euskal jendartearen zahartze tasa handia da. Biztanleriaren %21,4k 65 urte baino gehiago du, Europar Batasunaren batez bestekotik gora (%19,4). Hazkunderako joera luzarotik dator eta luzaroan mantenduko dela aurreikusten da. Eustatek EAErako egindako aurreikuspenak aintzat hartuz gero, 2018 hasieran 65 urtetik gorako 480.653 pertsona bizi ziren EAEn, biztanleria osoaren %22,1. Bada, 2031n, 616.010 izatea aurreikusten da, %28,2. Adineko gehiago, eta luzaroago bizi direnak. Euskal herritarron bizi-itxaropena 83,5 urtekoa da; azken hogeita hamar urteotan 10 urte luzatu da. Denbora gehiago bizi gara osasun egoera onean, baina baita txarrean ere.
Ezin dementziak aipatu gabe utzi. 65 urtetik gorako pertsonen %8-10 inguruk dementzia motaren bat du. 80 urtetik gora, proportzioa %25ekoa da. Aurretik emandako datuekin erkatuta, 65.000tik gora lirateke askotariko dementziek gaixotutako herritarrak. "Zahartzearen arazoa" gero eta gehiago aipatzen da esparru politiko, enpresarial edo unibertsitarioetan. Osasun, ekonomia eta gizarte larrialdiaz hitz egiten da.
Bidesaria ordaintzeko gaitasunaren arabera, merkatuan edo familian bilatzen dira zaintzarako konponbide bizigarriago edo prekarioagoak. Esparru komunitarioak minoritario izaten jarraitzen du
Arazo da ala arazo egiten dugu?
"Pertsona nagusien zaintzak debaluazio bikoitza pairatzen du, soziala eta kulturala", dio Silvia Federici idazleak. Soldatapeko lan produktiboa nortasunaren ardatz nagusietakoa den jendarte-ereduan zaintzak gutxietsiak daude, eta zahartzea galerarekin, zama ekonomikoarekin edo traba bilakatzearekin lotzen da. Horrek eraikitzen du "zahartzearen arazoaren" diskurtsoa.
Simone de Beauvoir idazleak beste jokaleku bat proposatu zigun aspaldi: "Zaharra izatea zer den ulertu denean, ez da nahikoa 'zahartzaroaren politika' eskuzabalagoarekin konformatzea, pentsioa igotzearekin, bizitoki osasuntsuekin, aisialdi antolatuekin... Sistema osoa da jokoan dagoena, eta aldarrikapenak erradikala behar du izan: bizitza aldatzea".
Bizitza aldatzen ez dugun bitartean, baina, arazoa da. Ekonomia feministak dio jendarteek zaintza beharrak asetzeko lau bitarteko nagusi baliatzen dituztela: Estatua edo esparru publikoa, familia biologikoa, merkatua eta sare komunitarioak. Zer proportziotan ematen da adinduen zaintza esparru bakoitzean? Zer fluxu ari dira ematen batzuen eta besteen artean? Zaintzen ardura nagusia historikoki emakumeei inposatu zaie, familiaren eta etxearen markoan. Familia eredua, ordea, izugarri aldatu da belaunaldi bakarrean, eta dimentsio anitzetan gainera. Seme-alaben kopurua urritu da. Bizikidetza ereduak eraldatu dira. Familiako kideen bizitokien arteko distantzia asko handitu da. Semeek eta batez ere alabek gurasoei zahartzaroan "berez" zor omen zieten zaintza naturalizatua, auzitan dago egun. Gurasoek zein seme-alabek jartzen dute auzitan, baita feminismoek ere, zaintzaren etika erreakzionarioa salatuz. Eta hala ere, familia biologikoak jarraitzen du izaten zaintzen helduleku nagusia.
Hamarkada gutxi batzuetan, esparru publikoa izan da bigarren aukera. Politika neoliberalak zerbitzu publikoak murrizten doaz, ordea, eta abandonatutako lurraldeak merkatuak konkistatzen ditu. Bidesaria ordaintzeko gaitasunaren arabera, merkatuan edo familian bilatuko dira konponbide bizigarriago edo prekarioagoak. Esparru komunitarioak minoritario izaten jarraitzen du, lehen bezala orain.
Klasea, arraza, generoa
Jendarte-hierarkian dugun botere posizioaren arabera, zaintza egokiak jaso eta emateko baliabide eta aukera gehiago edo gutxiago dugu. Botere posizioa aldagai ezberdinek zehaztuko dute; ezin guztiei heldu lerrootan, baina hiru azpimarratu nahiko genituzke: klasea, arraza eta generoa.
"Tristezia handiz" bizi du Ana Delfak adinduen egoera gure herrian. "Kolonbian adindua beti dago norbaitekin, lagunduta".
Ana Delfa Piedraita Villa eta Rakel Perea Valencia profesionalki aritzen dira adinduen zaintzan. Delfa 2004an heldu zen Kolonbiatik Europara, erbesteratu politiko bezala. 2012tik Araban bizi da, pertsona nagusiekin lanean, etxe partikularretan ia beti. Pereak dementziak eta bestelako mendekotasun psikokognitiboak dituzten adinduekin egiten du lan 2000. urtetik. Zuzendari lanak egiten ditu 35 gaixo hartzen dituen Bizia eguneko zentroan. Aldundiaren zentro publikoa da, kudeaketa pribatukoa.
"Tristezia handiz" bizi du Delfak adinduen egoera gure herrian. "Kolonbian adindua beti dago norbaitekin, lagunduta. Jakintzen iturri da, errespetu handia diogu eta bere beharra dago etxean, gurasoena dagoen bezala". Asteburutan, mendekotasun erabatekoa duen emakume batekin egiten du lan, eta astegunez bikote baten etxean aritzen da. "Emakumea depresio sakonak jota dago; 88 eta 83 urte dituzte eta fisikoki biak daude gainbeheran". Astean 60-65 orduko lanaldia du, beti ordutegi zatikatuan. "2012an ez zegoen bertako zuririk zereginotan, ez zen haientzako lana. 'Ipurdiak garbitzea? Bai zera'. Baina orain, enplegu gutxi dagoela-eta, badira batzuk, baliabide urriko jendea, hori bai". Zaindu dituen guztiak zuriak dira.
Sektore gutxietsi eta prekarizatua da, arrazializatua eta feminizatua. "Ni hasi nintzenean, ordua 10 euroan ordaintzen zen gutxi gorabehera, orain gutxiago. Gizarte-segurantzarik ez, pagarik ez, oporrik ez. Exijitu, ordea, asko: janaria prestatzen jakitea, garbitzea, nagusien zaintzan esperientzia eta formazioa izatea. Egunean 8 ordu, 700 euroren truke". Bada baldintza okerragorik. Lagun bat du barne-langile etxe batean. "Ez dizkiote egunean bi ordu ematen atsedenerako. Larunbatetan gaueko hamarretan irten eta igandean goizeko hamarretan bueltatzen da. Hori 700 eurorengatik, bere kargu bi pertsona nagusi dituela".
Zaintzen kate globalen parte da Ana Delfa. Bertako adinduak zaintzen urteak eman, eta norberak zaindua izateko beharra heltzen den unean jaioterrira buelta egiten dute askok. "Nik 14 urte daramatzat etxetik kanpo, 47 urte ditut orain. Ez dut aurrezkirik, ez dut etxerik, ez dut ezer. Gaixotzen banaiz, nork zainduko nau? Kolonbiara bueltatu beharko dut. Eta zerekin noa? Nork mantenduko nau?". Guztiok bezala, etorkizunean ez ezik, orain ere badu zaindua izateko beharra. Baina "hori ez diogu gure buruari planteatu ere egiten. Autozainketa egon beharko litzateke, baina horretarako denbora ere behar da, eta guk ez dugu halakorik".
Rakel Pereak zuzentzen duen Bizia eguneko zentroan langile guztiak emakumeak dira; ez dago migratzailerik, ordea. Ezta erabiltzaileen artean ere. Prekarizazio orokortuak eragiten badio ere, lan-baldintzak duinagoak dira. Gaixotasun psikokognitiboek dakarten mendekotasuna eta zaintzen exijentzia muturrekoa azpimarratu ditu: "Diagnostikatu eta denbora tarte laburrera 24 orduko arreta behar duzu. Gaixotasunak etengabe egingo duenez aurrera, etxean beharrezko zaintza bermatzea oso zaila da. Familiek etxeetan egiten dute, baldintza izugarrietan". Emozionalki oso gogorra da, gaixoarentzat zein ingurukoentzat, eta prozesua urtetan luzatzen da.
Eguneko zentro zein bizitzeko egoitza publikoak, denak daude lepo, eta itxaron zerrenda luzea da. Diru-sarreren eta ondasunen araberakoa bada ere, eguneko zentroagatik hileko 503 euro ordaintzen dute gehienek, eta egoitzengatik 1.116-1.400 euro artean. Gehienek egoitza pribatuetara jotzen dute. Ordaindu ahal badute, beti ere. "Aldundiak diru-laguntzak ematen ditu, gehienez 1.000 eurokoak, baina egoitza pribatuetan hilero 2.500-3.000tik gora ordaintzen da".
Jendartearen bilakaera ikusten du bere lanpostutik. Familia ereduak "gero eta txikiagoak dira, zaintzaileak gutxiago beraz, eta nagusiak". Sarea txikiagoa eta prekarioagoa da. Ondorioz, garai batean eguneko zentroan urte asko emango zituen adindua egoitzara bideratzen da orain. "Alaba bakarra, etxean bakarrik bizi den aita zaintzen duena esaterako. Mendekotasuna gora badoa eta zentroak 8 orduz baino ez badu hartzen, nola egin gainerako orduetan zaintzeko?".
Zaintzak ulertzeko moduak ere aldatzen doaz. "Nagusiak zaintzen 60-70 urte inguruko alaben belaunaldia ari da. Gurasoengandik jaso duten mezua da, 'nola eramango nauzue egoitzara? Zainduko nauzue etxean hil arte', eta hori emozionalki, bereziki alabentzako, kristoren zama da". Baina aldaketa sumatzen du Pereak. Belaunaldi horrek "zama kendu nahi digu orain 40-45 urte ditugunoi: 'Amak esan dit txarto jartzen banaiz egoitzara eramateko'". Zaintzak aurpegi ilun makurra ere baduela argi du. Aitortzarik eza, edo zaintzaren inposaketa maitasunaren izenean. Etorkizunaz ez da oso baikor. "Hazi dena merkatua da. Familia izan zen denbora askoan zaintzaz arduratu zena, publikoa garatuz joan zen ondoren, baina urteak dira blokeatuta dagoela. Ni eguneko zentro pribatuak ezagutu gabea nintzen, eta orain Gasteizen badira batzuk".
Esperientzia komunitario eraldatzaileak
Beti daude urratutako bideetatik eta muga hertsietatik kanpoko ideiak eta praktikak garatzen dituzten pertsonak eta taldeak. Kontxesi San Juan Elizaldek 60 urte ditu, eta Iruñean bizi da. Etxekide kooperatibako kide da, pertsona adinduentzako etxe kolaboratiboak eraiki nahi dituena. 53 eta 71 arteko 35 pertsona dira (25 emakume eta 10 gizon), denak iruindarrak edo inguruko herrietakoak. "Talde ertaina nahi dugu. Asko bagina, egoitza bat emango genuke, gutxiago ezagutuko genuke elkar. Taldea txikiegia bada, berriz, elkarrekiko mendekotasun handiegia izango genuke".
2016an hasi ziren bi lagun ideiari forma ematen, eta hurrengo urtean lau pertsona batu zitzaizkien. "Ateak jende gehiagori zabaldu aurretik, gure proiektuaren oinarriak adostu genituen: ekologikoa izatea, hirian bertan egotea, izaera soziala izatea, auzoko mugimendu herritarrekin lotura izatea...". Ahulgune nagusia hauskortasuna izaten dute proiektu hauek. "Asko sortzen dira, baina ehuneko hamar edo hezurmamitzen dira soilik".
San Juanek zahartzean independentziari eustea aldarrikatzen du behin eta berriz. Baina ez "bakardadeari loturikoa". Etxekideren parte izateko, "gainontzekoak zure bizitzan garrantzitsuak izateko jarrera izan behar duzu aurrez. Erraz laguntzeko eta lagundua izateko armiarma sarea osatu nahi dugu".
Autogestio komunitarioa, zerbitzu publikoak, instituzioen parte-hartzea. Denen beharra eta osagarritasuna defendatzen ditu. "Gutako bati, adibidez, alzheimerrak jotzen badio, zerbitzu publikoek hor egon behar dute, baina harago ere babestuta egongo da".
Pertsona adinduentzako etxe kolaboratiboak eraikitzea du helburu Etxekide proiektuak.
Familia biologikotik harago
Marianne Brull ohiz kanpoko bizitza egin duen 83 urteko emakumea da, zahartzaroaren mendekotasunei erantzun ezohikoa eman diona. Sortzez suitzarra, 30 urte eman zituen Parisen bizitzen. Azken 30 urteak Bartzelonako Poble Sec auzoan. "Bakarrik bizi naiz, zoriontsu. Zaintzari dagokionez, ez dut senarrik ez seme-alabarik". Senide biologikoak Suitzan ditu, baina badu familiarik auzoan bertan. "Pertsona talde batekin egin nuen topo, nire familia direnak, 'familia' deitzen diogu taldeari. 8-10 gara, orain hamar urte inguru ezagutu nituen, 20-23 urte zituztenean. Ikasleak ziren orduan, orain lanean ari dira".
"Naizen modukoa naizelako ezagutu nituen". Postutxo bat ikusi zuen kalean aldizkari batzuekin, hurbildu, zer egiten zuten galdetu... eta egun horretan bertan bisitatu zuen gune kultural zein etxebizitza gisa gazteek erabiltzen zuten lokala.
Denboraldi batez familiako inor ikusi gabe egon daiteke, tarteka egunero ikusten ditu. Azken urteetan bi eroriko izan ditu Brullek. "Nik ez nuen askorik esan, baina jakin egin zuten. Whatsapp taldea osatu, eta, 'nor doa gaur Marianne ikustera? Janaria behar duzu?...'; egunero zetorren norbait etxera. Autonomoa naiz, horrekin tematia naiz, baina behar dudanean hor daude, eta zoragarria da". Berak zer ematen duen galdetuta, "nik uste asko jaso eta gutxi ematen dudala, nahiz eta beraiek ezetz esan. Egia da nire pentsaeragatik eta bizitutakoengatik erreferente naizela haientzako, iritzia eskatzen didate, eta nire etxea familiarentzako topagune ere bada, eskertzen dute hori".
Eredua beste batzuentzat ere interesgarria dela iritzi dio. Baina zailtasunak ikusten ditu. Batetik, familia biologikoan ixteko joerak beste sare mota batzuk sortzea zailtzen duelako. Bestetik, adinekoekin kritikoa da: sarri gazteen beldur bizi omen dira, mesfidati, juxtu kontrakoa denean onena, hurbiltzea.
"Zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik" zioen Oskorrik musikatutako Jon Sarasuaren kantak. Marianne Brullek antzeko zerbait esaten digu bere modura. "Nik zahar hitza aldarrikatzen dut. Zaharrak gara. Ez trapu zaharrak, pertsona zaharrak baizik". Familia biologikoa inoizko antzuen, merkatuak eta merkantilizazioa gora, zerbitzu publikoak erretretan... Emakume, desjabetu eta arrazializatu aurpegiko zaintza bidegabean sakontzen jarraitu dezakegu, edo alternatiba duin eta gozatsuak eraikitzen saiatu. Bada abiapunturako heldulekurik. | news |
argia-22d09eb1bc68 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/y-viva-espana-edo-belgika-edo-italia.html | "Y viva Espa�a"... edo Belgika... edo Italia... | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-10-14 00:00:00 | "Y viva Espa�a"... edo Belgika... edo Italia...
1973an Manolo Escobarrek Y viva España pasodoblea argitaratu zuen eta, orduz geroztik, Espainiako himno ez ofiziala bihurtu da.
Baina abestia ez da espainiarra. Bi belgikarrek konposatu zuten Eviva España 1971n (Leo Caertsek musika eta Leo Rozenstratenek hitzak) eta Espainia turismo gune gisa goraipatzen zuen. Gainera, belgikarren lan horrek abesti zaharrago bat izan zuen jatorri: 1936ko gerraren urteetan Italiako faxistek falangisten alde konposatutako Arriba España.
Hori gutxi balitz, Manolo Escobarrek gaztelerazko bertsioa atera baino lehen, abestia nederlanderaz, alemanez, norvegieraz, frantsesez, danieraz eta suomieraz argitaratu zuten. | news |
argia-fd3156d356f4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/francia-marquez-ekintzaile-afrokolonbiarra.html | "Gerra garaietan indarkeria jasatea tokatu zitzaigun, eta bake garaietan indarkeria pairatzen jarraitzen dugu" | Amaia Lekunberri | 2018-10-14 00:00:00 | "Gerra garaietan indarkeria jasatea tokatu zitzaigun, eta bake garaietan indarkeria pairatzen jarraitzen dugu"
Euskal Herrian izan da Francia Elena Márquez Mina lider afrokolonbiarra, ekintzailea, giza eskubideen defendatzailea eta 2018ko Goldman Ingurumen Sariaren irabazlea. REAS Euskadi, Paz con Dignidad, OMAL eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatutako Trantsiziozko Alternatibak Herri-Ekonomi Baterantz nazioarteko ikastaroaren baitan etorri da.
Mundu osoan hilketak eragiten dituen eredu ekonomikoaren kontrako erresistentzia borrokak ardatz, afrikarren ondorengoen komunitateak Kolonbian bizi duen egoera eta herrialde horretako bake testuingurua izan ditu hizpide Márquezek. Cauca departamentuko iparraldean kokatzen den Suarez udalerriko Yolonbó arbasoen lurraldean jaioa, lurrotan egiten den legez kanpoko meatzaritzaren kontrako borrokaren buru da, eta horregatik jasandako mehatxuak tarteko defendatzen dituen lurretatik alde egin behar izan zuen 2014an.
XVII. mendean beren arbasoak Afrikatik Kolonbiara esklabo eraman zituztenetik, afrokolonbiarrak Márquezek defendatzen dituen lurretan bizi izan dira. Urte guzti horietan meatzaritza artisaua eta nekazaritza izan dituzte bizibide, baina 80ko hamarkadaz geroztik Kolonbiako Gobernua "garapenaren izenean mega-proiektuak bultzatzen" dabilela salatu du Márquezek. "Gure eskubide eta lurretatik miseria, txirotasuna eta hondakinak sortu dituzte", azaldu du.
Kolonbiako Gobernuak bere herrialdea Mendebaldeari meatzaritza helburuekin saltzeari ekin zion momentuan, Márquezek dioenez, legez kanpoko meatzaritza hedatzen hasi zen beren lurretan. Kanpora begira Gobernuak legez kanpoko meatzaritza gelditu behar zela esaten bazuen ere, sustatu egin duela salatu du ekintzaileak. "Legez kanpoko meatzaritza bultzatu eta baimendu egin du ustelkeria instituzionalak, jendea beren lurretatik kanporatu eta meatzaritza justifikatzeko estrategia da", azaldu du.
Cauca departamentuko Timbiqui ibaiko urrearen ustiapen ilegalaren irudi panoramikoa (Argazkia: Caliescribe.com)
Indarkeriaren aurka erresistentzian sarri artikulatu dira Caucako herritarrak, 2009an gertatutakoa horren adierazle. Urte horretan, borroka luze baten ondoren eta gatazka armatuaren testuinguruan, Kolonbiako Gobernuak enpresa transnazionalei eman zizkien komunitate afrokolonbiarraren lurrak eta bertako biztanleak "asmo txarreko aztoratzaile" izendatu zituen, azken hau delitua izanik. "Arbasoen lurren jabe izatetik gaizkile izatera igaro ginen", dio Márquezek. Horren aurrean mobilizatu egin ziren, eta hainbat esku hartze juridiko tarteko, sententzia irabazi zuten. Gobernuak nazioarteko enpresei esleitutako meatzaritza tituluak bertan behera gelditu ziren, aurretiazko kontsulta eskubidea ez errespetatzeagatik. Momentu horretan borroka irabazi zutela uste izatera iritsi baziren ere, gatazkak jarraipena izan duela azaldu du Márquezek. Ordutik hona, legez kanpoko meatzaritza hedatuz joan da, eta honi aurre egin beharrean ikusi dira. "Guri dagokigu legez kanpoko meatzariei aurre egitea, eta hauek aktore armatuen babesa izaten dute sarri", dio.
Francia Márquez: "Ez bagaituzte balaz hiltzen, pozoinduta hilko gaituzte"
Legez kontrako meatzaritzaren aurkako borroka horren baitan, 2014an Arbasoen Lurraldeen eta Bizitzaren Zaintzarako Emakume Beltzek mobilizazioa egin zuten. Cauca iparraldetik Bogotaraino joan ziren oinez ia hilabete iraun zuen ibilaldian, meatzaritza ilegalak eragiten dituen kalteak ikusarazi eta Gobernuari afrokolonbiarren eskubideak bermatzea exijitzeko. Gobernuak bere horretan jarraitu du ordea, eta ondorioz, komunitate afrokolonbiarra bizi baldintza duinak izatetik geroz eta urrutiago dago: meatzaritzaren ondorioz komunitateak ez dauka ez akuedukturik ez edateko urik, eta merkurio partikulaz jositako ura edaten ari dira. "Ez bagaituzte balaz hiltzen, pozoinduta hilko gaituzte", salatu du Márquezek.
Bake testuingurua, segun eta norentzat
Gatazkak iraun bitartean, borroka armatua oso presente egon izan da Caucako departamentuan, eta ondorioz Kolonbiako Estatuaren partetik emandako giza eskubideen urraketak ere bai. Márquezek azaltzen duenez, hain zuzen ere indarkeria hori bizi izan dutelako, eremu horretako biztanleen gehiengoak bakearen alde bozkatu zuen. Halabaina, bake prozesuaren osteko garaiotan gerrillak eta talde paramilitarrak agertokitik at geratu badira ere, "interes ekonomikoak eta enpresa transnazionalak zaintzen dituen estatuak" hortxe dirau, baita horrek eragiten duen indarkeriak ere. "Gerra garaietan indarkeria jasatea tokatu zitzaigun, eta bake garaietan indarkeria pairatzen jarraitzen dugu", azaldu du Márquezek, hainbat ekintzailek jasaten duten bortizkeria azpimarratuz indarkeria horren adierazle garbi bezala.
2018ko lehen seihilekoan 77 lider sozial hil dituzte gutxienez Kolonbian
Somos Defensores erakunde Kolonbiarrak mahaigaineratutako datuen arabera, 2018ko lehen seihilekoan 77 lider sozial hil dituzte gutxienez Kolonbian, eta 2009 eta 2017 urteen artean aldiz 573. Datuon aurrean argi mintzatu da Márquez: "Indarkeriak hortxe jarraitzen du. Azken urteetan hiltzen ari diren liderrak gure komunitateetan inposatzen ari diren eredu ekonomiko hilgarriaren adierazle dira". Egungo testuinguruan bakea denontzat gauza bera ez den seinale.
Egoera honen aurrean "komunitatea izaten jarraitu eta duintasunez bizitzea ahalbidetzen digun garapenaren ikuspegi baten aldeko apustua" egin dute afrokolonbiarrek. Orain arteko garapenaren ikuspegiak, besteak beste, heriotza, giza eskubideen urraketa, behartutako desplazamenduak eta bizitza duina izateko baldintzen galera ekarri dizkie. Beraiek argi daukate: "Gure lurretan lasai bizi nahi dugu, odola isurtzeaz nekatuta gaude". Azpimarratu ohi denez, baina, Kolonbian bakea kontakizun instituzionala da oraindik. | news |
argia-9efef6878757 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/alina-rocio-blanco-ramos.html | "Euskal komunitatean integratu nahi ditugu euskaraz komunikatzeko oinarrizko beharrik ez dutenak" | Ainhoa Bretos | 2018-10-14 00:00:00 | "Euskal komunitatean integratu nahi ditugu euskaraz komunikatzeko oinarrizko beharrik ez dutenak"
Zubideiak ekimenaren bigarren ediziorako deia egin dute 21 eragilek. Bizi euskara zure erara goiburua izango du aurtengo topaketak, eta gizarte elkarrizketaren bidez kulturen arteko zubiak eraikitzea izango dute helburu nagusi. Zubiok jasotzeko euskara izango da ardatz. Alina Rocío Blanco Barros (Bogotá, Kolonbia) ekimenaren sustatzailea eta Emigrados Sin Fronteras elkarteko kidea da.
"Etorkinentzat ia premiazkoa da norberaren harrera lurraldeak duen identitatea ezagutzea". Argazkia: Ainhoa Bretos.
Blanco Ramosek Biologia ikasketak burutu zituen sorterrian. Ondoren, Ingurumenaren Gaineko Eraginari buruzko masterra ikasi zuen, eta Euskal Herrira etorri zen Nazioarteko eta Kulturarteko Ikasketen inguruko doktoretza egitera. Ordutik, Emigrados Sin Fronteras Elkartean aritu da lanean.
Zer da Zubideiak?
Kultura, etnia eta jatorri anitzetako pertsonen arteko elkarrizketa soziala sustatzen duen espazioa da. Bertan elkartuko gara euskara komunikatzeko tresna dela sinetsita gaudenak. Izan ere, orain arte euskaldunak euskaldunekin batu izan ohi dira, nolabait esateko, "berdinen" artean komunikatzeko.
Ekimen honen bidez, espazio hori ireki nahi dugu, euskaraz hitz egiten ez dugunok ere hurbildu gaitezen hartu gaituen herrian bizi dugun errealitatera. Aurtengoa bigarren edizioa izango da, eta lehenengoan bezala, euskal komunitatean integratu nahi ditugu euskaraz komunikatzeko oinarrizko behar hori ez dutenak.
Zer helburu dituzue?
Lehenik eta behin, sinestea euskara guztion ardura dela, eta aniztasunak aberastasuna eta aukera berriak dakartzala gure gizartera. Horrez gain, hitz egin dezaketen ahots anitzak entzuteko eta ideiak partekatzeko elkargunea aurkitzea da gure xedea.
Azken batean, ni kide naizen Emigrados Sin Fronteras Elkartearen ikuspuntutik, gizakiok testuinguru berrietara egokitzeko beharra dugu. Etorkinentzat ia premiazkoa da norberaren harrera-lurraldeak duen identitatea ezagutzea. Gure ustez oso garrantzitsua da adimenak apur bat irekitzea eta ulertzea gizartean egokitzeko edo txertatzeko dugun beharrizana.
Euskarak lagundu dezake gizarteratze horretan?
Noski. Euskara tresna bat da, ezagutzen ez dugun kultura batera hurbiltzen laguntzen gaituena. Oztopo modura ikusi izan da maiz, baina nire ustez ez da oztopo bat, ez da hesi bat, jakin-mina eragiten duen helburu bat baizik.
Euskaraz ez jakiteak eragozpenak ditu, adibidez lan egiteko, euskaraz matrikulatuta dauden seme-alabei eskolako lanekin laguntzeko, eta abar. Baina ez dugu oztopotzat hartu behar, inondik inora ere, euskarak gure gizarteratze prozesua errazten du guztiz. Uste dut, gainera, gu denon ardura ere badela euskal komunitatera hurbiltzea.
Nola kokatzen da Emigrados Sin Fronteras ekimen honetan?
Etorkinekin eta euskaraz hitz egiten ez dutenekin egiten dugu lan. Gure asmoa da jendeari erakustea elkarrizketa sozial hau gauzatu ahal izateko espaziorik badela. Hori garrantzitsua dela azaltzen diegu, hartu gaituen herrialdeko hizkuntza gureganatzeko aukera ematen duelako, baita bertako kultura eta ohiturak ulertzeko ere. Horrez gain, guk ere asko dugu eskaintzeko, harreman hori noranzko bikoa izan dadin.
Euskal Herrira etorri nintzenetik egon naiz elkartean sartuta. Gehienbat ingurumenari eta garapen jasangarriari buruzko lanak egiten ditut, baina hasieran migrazio prozesuei buruzko proiektuetan aritu nintzen.
Nola bizi izan zenuen zuk prozesu hori?
Orain dela hamar urte etorri nintzen Kolonbiatik, Deustuko Unibertsitatean ikasteko beka batekin. Heldu nintzenean, ez nekien zer zen Euskal Herria. Ezagutza faltagatik edo, baina ez nekien euskara bazenik ere, eta ez nekien hizkuntza horrek noraino eragiten zuen Euskal Herriaren nortasunean.
Beraz, hasieran erabat galduta nengoen, niretzat sorpresa izan baitzen. Baina jakin-minagatik eta uste dudalako, identitate ikuspuntutik, euskara garapen jasangarriaren parte ere badela, hainbat taldetara hurbiltzen hasi nintzen. Euskaldunekin elkartu naiz eta orain esan dezaket ulertu dudala zergatik den Euskal Herriarentzat horren garrantzitsua nortasun propioa nabarmentzea; agian, Kolonbian faltan duguna.
Kolonbian ez duzue nortasun propiorik?
Kolonbiarroi burujabetza sentimendua falta zaigu. Adibidez, gure herrialdeko produktuak erosi beharrean, nahiago dugu erosi Ameriketako marka bat. Estatus kontua da, erosteko ahalmen handiagoa dutenek, nahiago dute kanpoko produktua erosi.
Hizkuntzari dagokionez, Kolonbian antzinako kondairak berreskuratzen saiatzen dabiltza, hori baita geratzen zaigun bakarra. Gure hizkuntzak abolitu zituzten kolonialismoan, esango nuke Latinoamerikan bizirik dagoen bakarra Paraguain hitz egiten duten guaraniera dela. Beste guztiak galdu egin dira, iraganean ahaztuta gelditu dira betiko, eta horrek pena handia ematen dit. Hizkuntzak norberaren identitatea eraikitzen laguntzen du, eta kolonbiarrak apur bat deserrotuta gaudela uste dut.
Horregatik esan dut lehen, nahiz eta euskaraz ez jakiteagatik ez dudan izan aukerarik lanpostu batzuk betetzeko, niretzat hizkuntza ez dela inoiz eragozpena izan. Euskararekiko dudan sentimendua mirespena da, Euskal Herria miresten dut, bere nortasunagatik borrokatzen duen herria da. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait, eta Latinoamerikan ere beharrezkoa dugula uste dut. | news |
argia-33f535d2fb6f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/abertzale-ez-da-patriota.html | Abertzale ez da "patriota" | Sonia Gonzalez | 2018-10-14 00:00:00 | Abertzale ez da "patriota"
Hiztegiek askotan esaten digute gezurra. Baita nahi barik ere. Hizkuntza batez esaten duguna beste hizkuntza batera pasatu bezain pronto, beste zentzu bat hartzen baitu berez.
Zenbait ahalegindu dira azken urteotan patria birkontzeptualizatzen. Ziurrenik, Latinoamerikan ematen dioten erabilerak harriturik. Ozeanoaren beste aldean zentzu askatzaile eta deskolonizatzailea dauka, halere, Madrilgo patria kolonizatzaile horrekiko askapena gogoan, besteak beste eta hain zuzen ere. Alferrikako ahalegina. Izendatzearekin batera mendeetako esanahi hegemonikoa indartu besterik egiten ez baita.
Erdarazko patria, patriota, patriotismo kontzeptuak izatez baztertzaile eta chauvinistak dira. Bandera espainolaren atzean ez dago aldarrikapen askatzailerik; bandera espainolean biltzen direnen aldarrikapen bakarra Bestearen kontra egitera mugatzen da. Eratu duten Gu horretan sartzen ez diren edo sartu nahi ez dugun guztion kontra, alegia. Izan etorkinak, izan euren atzaparretatik libre izan nahi dugun nazioetako herritarrok.
Euskal identitatea jatorrian edo jaioterrian oinarritzen ez dugun bezalaxe, abertzaletasun kontzeptua patriaren oso bestelakoa zaigu. Zeren eta abertzaletasuna, ezeren gainetik, aldarrikapena baita. Gure herriak izateko daukan eskubide kolektiboaren aldarrikapena, alegia. Ez hobeagoak, ez txarragoak, baina izan, bagara
Patria kontzeptu chauvinista horren arabera, "Gu –eratu duten Gu identitarioa– hobeak gara, bakarrik eta hemen jaio garelako". Eta politikan horrelako autoestimu faltsuetara jotzeak badirudi emaitzak izaten dituela. Gure alboko herriak ez dira horrelakoetan aritzen diren bakarrak. Berton ere bai, "espainolak baino apur bat hobeto gaudela" saltzen den bakoitzean, kasu: pobrezia ehunekoek gora egin dute, baina trankil, espainolak baino hobeto gaude; itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira, baina trankil Espainian askoz okerrago dabiltza. Chauvinismo merkea benetako problemak estaltzearren.
Harrigarria da euskaldunoi edo katalanei identitario deitzea, Jonathani egunero Martínez deitzea, hori iraina bailitzan edo euskaldunoi inporta bailigun zein den euskaldunon jatorria. Edo Rufiáni Charnego behin eta berriro deitzea. Zortzi euskal abizen edo zortzi abizen katalan izatea ala ez izatea espainolentzat baino ez ei da adierazgarria.
Eta guretzat, euskal identitatea jatorrian edo jaioterrian oinarritzen ez dugun bezalaxe, abertzaletasun kontzeptua patriaren oso bestelakoa zaigu. Zeren eta abertzaletasuna, ezeren gainetik, aldarrikapena baita. Gure herriak izateko daukan eskubide kolektiboaren aldarrikapena, alegia. Ez hobeagoak, ez txarragoak, baina izan, bagara. Eta ukatzen diguten existentzia horixe aldarrikatzen dugu, hain zuzen, ikurrak altxatzen ditugunero.
Joseba Sarrionandiak Herri proiektua poeman esaten zuenez, "aberria daukagunean, ikurrinak sukaldeko trapu bihurtuko ditugu, Euskal Herriak izatearekin batera, ez izatearen abantailak izan ditzan". Orduan egingo dugu berba mugak ezabatzeko balizko beharraz, ezabatu ahal ditugun mugak dauzkagunean.
Euskal Herriaren existentzia aldarrikatzeko arrazoia ez da, edo ez litzateke izan beharko, identitatea besterik ez. Identitateak –ez txarto ulertu– berebiziko garrantzia daukan arren. Euskal identitatea ez da toki zehatz batean jaio izanagatiko harropuzkeria, euskal identitatea estu loturik dago arriskuan dagoen gure kulturarekin, eta kultura diodanean, ulertu hizkuntza ezaugarri funtsezkoentzat, Espainia eta Frantziako mugen barruan gauden artean, gutxietsia eta erasotua izango dena.
Existitzeko daukagun eskubidea aldarrikatu beharra ezkerreko jarreratik ere heldu beharko litzateke batere zalantza barik. Benetako ezkerrak kolektibotasuna eta eskubide kolektiboak defendatu behar direla dudarik ez daukalako. Autodeterminazio eskubidetik hasita. | news |
argia-4c15f442ac2a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/luxuzko-babesleku-frankista.html | Luxuzko babesleku frankista | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-10-14 00:00:00 | Luxuzko babesleku frankista
Bartzelona, 1939ko maiatza. Teresa Amatller (1873-1960) filantropoa eta Antoni Amatller txokolategile ezagunaren alaba etxera itzuli zen, Espainiako Gerra Zibila amaituta. Orain jakin izan dugunez, Donostian igaro zituen gerrak iraun zituen urteak.
Horixe dio Walter Cook hispanista estatubatuarrak Josep Gudiol Teresaren arte aholkulari errepublikazaleari data horretan bidalitako eskutitz batek. Berriki, Guillem Cañameras historialariak bien arteko lau gutun aurkitu ditu eta Sapiens aldizkariak esklusiban eman du horien berri. Testu horiei esker dakigu, uztailaren 18ko altxamendu militarrak Katalunian porrot egin ondoren, Amatller Turinera joan zela ihesi, 1937ko uda Parisen igaro zuela, baina urte hartako urriaren 4an dagoeneko Donostian zela eta han geratu zela gerra amaitu arte.
Teresa aitaren txokolate enpresako eta Passeig de Gracian dagoen Amatller etxeko oinordekoa zen –Amatller etxea Josep Puig i Cadafalch arkitektoaren obra modernista da, Antoni Gaudíren Batlló Etxe ezagunaren ondoan dago eta bisitarientzat irekia dago egun–. Ondasunak konfiskatu eta etxea espoliatuko zioten beldur egin zuen alde Kataluniatik eta, beste 60.000 katalanek bezala, lurralde frankistan hartu zuen babesa.
Donostia erraz erori zen frankisten eskuetan 1936ko irailean. Gerrak ez zuen hondamen handirik eragin eraikinetan, baina Unidad egunkari falangistaren arabera, donostiarren %48k hiritik ihes egin zuen frankistak sartu zirenean. Madrildar eta, batez ere, katalan askok zona errepublikarretik ihesi Gipuzkoako hiriburura jo zuten orduan. Errepublika baino lehen errege familiaren udatoki izana, goi-burgesiaren babesleku bihurtu zen.
Teresa Ametllerren egonaldiaz ez daukagu xehetasun handirik, "lagun batzuen etxean" geratu zela besterik ez. Baina zona nazionalean babesa hartu zuten gehienak ez ziren falangistak eta ez zuten profil politiko zehatzik. Kontserbadoreak eta katolikoak ziren, eta haien kezka nagusia estatus sozial eta politikoari eustea zen. Eta gerra ahalik eta modu erosoenean pasatzea. Niza, Biarritz, San Ignacio, Hispano-Americano edo Príncipe de Saboya hoteletan bizi ziren asko. Gros auzoko etxeetan beste asko; hainbeste katalan hitz egiten zenez, auzoari Barceloneta esaten omen zioten. Gozotegietan panelletak saltzen zituzten eta urdaitegietan butifarrak.
Eta hirian ez zen soilik kultura gastronomikoa zaintzen; La ametralladora eta Vértice aldizkari falangistak bertan argitaratzen ziren eta, hala, hiria frankisten kulturgune nagusia izan zen gerra garaian. Gerra amaitzean, Teresa Amatller eta enparauak etxera itzuli ziren atzean utzitako jardunari berriro heltzeko. Baina Donostiak urte haietan izandako "loraldia" gainbehera zetorrela zirudienean, Francok erabaki zuen udak igaroAieteko jauregian igaroko zituela. | news |
argia-14255005f8bb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/haragia.html | Haragia | Itxaro Borda | 2018-10-14 00:00:00 | Haragia
Azken urteotan, Euskal Herrian ere bai, haragiaren tira apaltzen doa, lanjeroski iduriz, ekoizleentzat. L214 bezalako elkarte ekintzaileek, hiltegietako abereen trantze larriaz ohartarazten gaituzte eta egunetik egunera beganoen urratsetatik abiatzen gara, kasik deus finkoki deliberatu gabe. Supermerkatura zuzentzean, apaletan lautzen diren zitzi puska odoltsu gorriegiek disgustua hazten digute. Begiak tirriatzeko espreski tintatuak balira?
Laborantza munduan isiltasun handia bada, omerta dagoela ez errateko, haragiaren produkzio energia irensleari buruz bezainbat nekazarien beraien bizi-destino ilunen inguruan. Baiki zorretan direla, baiki ez dutela eskoletan besterik ikasi, baiki kooperatibek eta sindikatuek bide horretan segitzera behartzen dituztela, herrialde osoen asetzea beraien gain dela errepikatuz, egia ere ez dena, janariaren funts gehiena inportatua delarik…
Zaila da, baldintza horietan, laborantza ereduz aldatzea. Kanbiamendua agian makilaren beste puntatik etorriko da, preseski laborariek berek zerga-ordaintzaile eta kontsumitzaile apaletsitzat dauzkaten (gauzkaten) herritarrek hazkurri ohitura berriak marraztuko dituztenean.
Eguerdirako? Berdülaga hosto pare batekin aski dut... | news |
argia-bc6d0a6e6857 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/eraso-kapitalista-zerga-erreformaren-kontra.html | Eraso kapitalista zerga erreformaren kontra | Juan Mari Arregi | 2018-10-14 00:00:00 | Eraso kapitalista zerga erreformaren kontra
Moncloara iritsi zenetik PSOEren Espainiako Gobernuak esan du enpresa eta fortuna handiei eragingo dien erreforma fiskala egin nahi duela. "Tobin" tasa edo antzeko zergak ekarriko lituzke erreforma horrek eta Sicav kapital aldakorreko inbertsio-sozietateen egoera fiskala ere aldatuko luke. Tobin tasa finantza transakzioei eta Sicav horiei jarritako zerga litzateke, azkeneko horiek baitira ondasun handia dutenek euren aurrezkiak bideratzeko erabiltzen duten tresna gogokoena. Erreforma horrekin, pentsio publikoak sostengatzea errazagoa litzateke. Izan ere, pentsioak blindatzeko mobilizazio handiak izaten ari dira Espainiako Estatuan, bereziki Hego Euskal Herrian.
Baina Espainiako Gobernuaren asmoa jadanik kapitalismoaren jomugan dago, hura ordezkatzen duten burtsako enpresa eta bankuek erasoaldia hasi dute erreforma eragozteko. Duela egun gutxi CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko presidentea Tobin tasaren eta Sicaven gaineko zergak aldatzearen kontra azaldu zen. Bere argudioa: "Halako zerga batek gure merkatuaren lehiakortasuna kaltetuko luke", eta gainera, Sicavak "espainiar finantza sektorerako negozio garrantzitsua dira". Hala, zerga sistema aldatzeko saiakera eginez gero, "kapitala beste merkatu batzuetara joango litzateke".
Bistan da erasoaldi kapitalistak egungo espainiar gobernua geldiarazi nahi duela bankuetako eta enpresetako bere kide pribilegiatuen interesak eta negozioak babesteko. Hain dira "patriotak", etekin handiagoak pilatzen segitu besterik ez dutela nahi. Haiek ez dute pentsio publikorik behar, jende gehienak bezala. PSOEren Gobernuak ezin du amarru horretan erori. | news |
argia-a1d1b16bd156 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/salalalala.html | Salalalala | Estitxu Garai Artetxe | 2018-10-14 00:00:00 | Salalalala
Espektakuluari kantatzen dio Gari- k. Eskandaluari Rafaelek. Eta halaxe gabiltza. Espainian eskandaluz eskandalu. Euskaldunok espektakuluari so.
Ikusle finen moduan, telesailaren ale guztiak irensten gabiltza banan-banan. Lehenengo denboraldian ustelkeria; bigarrenean ogasunari iruzurrak eta master eta abarretako titulu faltsuak; hirugarrenean estoldetako bilkura eta grabazioak, ministro-kideei irainak… Nahi beste luzatu daiteke trama, argia ikusteko prest lozorroan dagoenak horrexetarako ematen baitu, nahi besterako. PP eta PSOE tartekatu dira Gobernuan, Espainian frankismoa erreformatu eta demokrazia izendatzen duten hori hasi zenetik. Denbora horretan eta gaur arte, alderdi horien kide garrantzitsuenak izan dira botere ekonomikoekin batera Estatuko botere sarea ehundu dutenak, non eguneroko ogia, pribilegioak, eroskeria, klientelismoa eta, batez ere, guztia ezkutatzeko paktu ez idatzi bat izan diren. Estamentu guztiek hartzen zuten parte, komunikabideek barne. Interesak interes, brotxa lodienetik kotoi zuriaren frogara igaro ei dira orain.
Gelako talde osoari galdetu nion ea ba ote zekiten Ogasun sailburua zein den. Arrastorik ez. Madrilen azken boladan protagonista izan diren ministro guztien izenak, ordea, ezagunak egiten zitzaizkien. Ez da harritzekoa, "Teleberri"-n ere zuzeneko konexioa egin baitzuten Montón Osasun ministroak dimititu zuen egunean
Printzipioz irudi luke alderdi horientzat eskandaluen dinamika hau mingarria izan daitekeela. Baina PP eta PSOE batzen dituen helburu sakrosantuari dagokionez, alegia, Espainiaren batasuna betikotzeari begira, ez da bat ere kaltegarria sortutako eskandaluen dinamika. Are, Estatuko punta batetik bestera Madrilgo metropoliari begira bizitzea da, hain zuzen, lekukoa jaso zutenei frankismoak utzitako desideratuma. Arreta gunea non, eskema mentala han. Proiekzio mediatikoa zerk, horrexek garrantzia. Hortik sortzen dira erreferentzialtasun politikoak. Telebista minutuen eta bozka kopuruaren arteko erlazioa zuzenki proportzionala da ikuskizuna eta politika batzen diren garaiotan. Hortaz, zalantzarik ez: egin dezatela berba, nahiz eta gaizki esan.
Zorionez Euskal Herrian baditugu zurrunbilo horretatik at euskal politika eta euskal gaiak agendaren erdigunean kokatzen dituzten komunikabideak. Ez da kasualitatea komunikabide horiek euskaraz izatea. Alabaina, ezin liteke esan gure jendartea hortik at bizi denik. Atzo pasilloko elkarrizketa informalean ikasleei (publizitateko laugarren mailako gaztelaniazko taldeari) galdetu nien ea ba ote zekiten zer gertatzen den EAEko aurrekontuekin. Erantzunik ez. Ondoren, klasean bertan, beste kontu bat aitzakia hartuta talde osoari galdetu nion ea ba ote zekiten Ogasun sailburua nor den. Arrastorik ez. Madrilen azken boladan protagonista izan diren ministro guztien izenak, ordea, ezagunak egiten zitzaizkien. Ez da harritzekoa, Teleberri- n ere zuzeneko konexioa egin baitzuten Montón Osasun ministroak dimititu zuen egunean: "Escándalo, es un escándalo: hau espektakulua, salalala".
Politikaren banalizazioaren aurrean, ikusle hutsak diren herritarrak sortzen dira, eta eguneroko bazka politikarekin zerikusi gutxi eta pertsonen ibilbide pertsonal malkartsuekin lotura handiagoa duten gaiak dira. Espektakularizazio horretan, jendearen bizimoduan benetako eragina duten gaiek (aurrekontuek esaterako) aspergarriak dirudite. Euskal eremu politiko eta komunikatiboa indartu nahi badugu, bi aukera baino ez ditugu (tarteko grisak alde batera utzita): 1) edo politikaren muina beste gune batzuetara ekartzen dugu, albistegi eta titularretatik hasi, aktualitateko programetatik eta iritzi artikuluetatik igaro eta kaleko elkarrizketetara arte; edo 2) espektakulu berri batean aktore bihurtzen gara. Bestela, gure partez, beste batzuek jarraituko dute antzezten. | news |
argia-55e22d0e1f18 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/herritarren-12-milioi-euro-egunero-bankuen-eskuetara-doaz-nafarroan.html | Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan | Xabier Letona | 2018-10-14 00:00:00 | Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan
Mundu mailako hurrengo krisi ekonomiko handia herrialdeetan metatzen ari den zor erraldoiaren magalean jaioko dela entzuten da gero eta ozenago. Krisia krisiaren gainean. Adituen esanetan, zorpetzea bultzatzea izan da krisiari aurre egiteko erabili den errezeta nagusia, dirua merke jarriz herritarren eta gobernuen eskuetan. Eta askoz ere merkeago oraindik bankuen eskuetan.
Orain zorraren burbuila da apurka eratzen ari dena: mundu mailako zor publiko eta pribatua 164 bilioi dolarrekoa omen da, munduko BPGaren %225. Ez da samurra zer kopuru mailaz ari garen irudikatzea ere. Datuak gainera, jaulki dituen erakundearen arabera, aldakorrak dira. Kopuruak kopuru, galdera berez dator: zer gertatuko da halako zor itzelarekin diruaren interesak igotzen hasten badira?
AEBetako Erreserba Federala hasi da dolarraren interes tasak igotzen eta Europako Banku Zentralak ere euroaren interes tasak igoko ei ditu 2019ko erdialderako. Nola eragingo die honek herritarrei eta gobernuei? Dagoeneko, Italia, Turkia eta Argentina moduko herrialdeak krisi gogorrak ari dira bizitzen. Munduko herrialde asko erne dira.
Eta Euskal Herrian zer? Denborak erranen du, baina azken hamarkadako musikari jarraituz, beti ere "Espainian baino hobeto". Nola hala, gure gobernuek urteetan pilatutako zorra kitatzen jarraitzen dute. Urriaren amaieran, esate batera, Nafarroako Gobernuak aurten zor publikoaren ondorioz ordaindu beharreko 332 milioi euroetatik azken 60 milioiak paratuko ditu. Zor horrez gain, beste 93 milioi euro itzalpeko bide sarietan ordaindu behar ditu; beraz, aurten 426 milioi euro ordainduko dira zor gisa har daitezkeen kontzeptuetan.
2008ko krisia hasi zenean gobernuak zorpetzen hasi ziren hainbat arrazoirengatik: batetik, zergetatik jasotakoa asko murriztu zelako eta euren aurrekontuak finantzatu behar zituztelako; eta bestetik, bankuak diru publikoz erreskatatu zirelako. Edo besteak beste, arrisku primen haginkadak mihizkatzeko.
Zorra boskoiztu zen
Nafarroan korralitoa -ren testuinguruan gizendu da zorra azken hamarkadan: 2008tik 2015eraino UPNko gobernuek zor publikoa boskoiztu zuten, 660 milioi eurotik 3.300 milioira. Mailegu horiekin ordaindu ziren irail amaieran ateak zabaldu zituen Nafarroa Arena kirol eraikuntza ospetsua, Los Arcoseko zirkuitua, itzalpeko autobideak eta beste hainbat proiektu. Denak UPNk bideratuta, PSN eskutik hartuta.
Horren guztiaren ondorioz, gaur egun nafar bakoitzak 5.150 euro zor ditu. Egiazko datua izan arren, ez dirudi herritarra gehiegi asaldatzen denik. Inor ez zaio bere kontu korrontera joango dirutza hori ateratzera. Ez, zartakoa zeharkakoa da eta Nafarroako Gobernuak bere urteko aurrekontuetatik zati handi bat zor publikoa kitatzera bideratuko du. Jakina, beste nonbait sumatuko da kolpea: hezkuntza, osasuna, kultura, euskara, inbertsioak edo beste hainbat alorretako gastuen murrizketetan izan ohi da. Adibide zehatzago gisa balio du honek: Nafarroako Kontuen Ganberak 2016an langile publikoez egindako azterketa batean zioenez, 22.681 plazetatik 5.487 plaza bete gabe ziren oraindik. 2018an Nafarroako Gobernuaren aurrekontua 4.156,6 milioi eurotakoa da. ELAk salatu duenez, "1,2 milioi euro ordaindu beharko dira eguneko".
6.000 milioi euroko zor publikoa
Aipatutakoa dira Nafarroako Parlamentu Soziala plataforma edo ELAk Nafarroako Gobernuaren 2018ko aurrekontuen balorazioan erabiltzen dituzten zenbakietako batzuk. Baina 2017ko ekainean Joan Josep Bochek –Parlamentu Soziala– Nafarroako Legebiltzarrean emandako datuen arabera, Nafarroako zor publikoa 6.000 milioi euro ingurukoa litzateke. Horrela azaldu zuen egoera 2015 amaierako datuak erabilita.
Batetik, ohikoan azaleratzen diren datuak daude: 2015aren amaieran gobernuak 3.322 milioi euroko zorra zuen, hau da, urteko bere aurrekontua baino pixka bat gutxiago. Horietatik 1.786 milioi zor publikoaren jaulkipenak dira eta 1.076 milioi banku maileguak. Hala ere, Boschek azpimarratu zuenez, zorra "prentsan azaltzen den hori baino handiagoa da": Gobernuak baditu 149 milioi euro enpresei egindako abaletan eta Sodenak –abalak eskaintzen dituen enpresa publikoak– beste 340 milioi. Horrez gain, jubilatutako funtzionarioei beste 2.100 milioi euro zor zaie pentsiotan. Hau da, bere esanetan Nafarroako Gobernuak gaur egun ia 6.000 milioi euroko zorra du.
Boschek azaldu zuen 2000tik 2015era Nafarroako Gobernuak 900 milioi euro ordaindu dituela interesetan, batez ere arrisku prima oso altuengatik. Gogor salatu zuen Europako Banku Zentralak (EBZ) nola mantentzen duen banku pribatuen sistema: "EBZk maileguak gobernuei zuzenean egin beharrean, bankuei egiten dizkie eta gero hauek gobernuei". Urte luzez, EBZk %1eko interesa kobratu die bankuei –gaur egun %0– eta gero hauek %5 edo %8 gobernuei, arrisku primaren arabera. Nafarroako Gobernua aurten egiten ari den amortizazioetan %5,8 ordaintzen ari da. Galdera berez dator orain ere: orduan, gobernuek zergatik ez diote dirua zuzenean eskatzen EBZri? Debekatua dutelako. Euroa sortu aurretik, gobernuek eskatzen zieten dirua beren banku zentralei, baina gaur egun ezin dute.
Kasu zehatzagoak ere azaldu ziren agerraldian. Alvaro Miranda kontseilariak (UPN) eta Enrique Goñik (CAN) swap formatuan sinatutako 4,9 milioi euroko mailegua gogor kritikatu zuen Boschek. Kasu hauetako batzuk zigortu ditu jada justiziak Espainiako Estatuan, argudiatuz bankuen botere abusua egon zela, bezeroak ez zituelako kontrolatzen oso gaitzak diren mailegu molde hauek. "Baina hori ez zen Nafarroako Gobernuaren kasua –dio Boschek–, beraz zer nahi zuen Mirandak, Gobernua kaltetzea CANen mesedetan?".
Aldaketaren gobernua definitu zuenarekin haserre zegoela ere aipatu zuen Boschek bere agerraldian, honek ez duelako inongo zaratarik ateratzen zor ilegitimoaren gaiarekin. Swap-en aferarekin zehatzagoa izan zen: "Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi ditut bi peritu txosten epaitegietara eramateko eta ez du ezer egin"; bere ustez kasua ia irabazita legoke.
Zor bidegabea: 191 milioi euro
Aldaketaren alderdiek zor publikoa ikertzeko batzordea abiarazi zuten Legebiltzarrean 2016ko hasieran, eta honek Nafarroako Gobernuaren finantzei buruzko datu ugari jarri zituen Parlamentu Sozialaren esku. "Gehiegi guretzat –diote erakundeko kideek–, datuak hor egon arren, ez baitugu gaitasunik hainbeste ikertzeko". Iazko Legebiltzarreko agerraldian Bosch oso kexu zen eta foru parlamentariei kargu hartu zien zorraren ikerketa ez zuelako Parlamentu Sozialak egin behar Nafarroakoak baino, "halako zerbait egiteko baliabideak berak dituelako eta ez guk".
Parlamentu Sozialak egindako kalkuluen arabera, legealdi honetan Nafarroako Gobernuak itzuli beharreko zorraren 191 milioi euro bidegabeak dira. Zergatik? Bankuek interes handiegia kobratu dutelako, zorra herritarrek behar ez dituzten azpiegitura garestietara bideratu delako, swap -ak erabili direlako, edo korralitoa -ren inperioari eusteko inbertsio okerretara bideratu zelako, besteak beste.
Parlamentu Soziala Nafarroako 30en bat elkartek osatutako elkargunea da eta bere helburua diru publikoaren finantzak kontrolatzea. Behin zor bidegabea kalkulatuta, Nafarroako Gobernuari haren ordainketari uko egitea eskatu dio behin eta berriz, edo gutxienez negoziatu eta kopuru garrantzitsu bat kitatzea. Nafarroako Gobernuak ez du uste hala joka dezakeenik, zor bidegabea aldarrikapen politiko gisa erabili daitekeelako, baina legezko oinarririk ez duelako. Edozein modutan, eta beste hainbat gaitan ere katramilatuta, aldaketaren alderdiek ez dute inongo bultzada publikorik egin foru gobernuari zor bidegabeaz presionatzeko. Eta dagoeneko ez da denborarik, besteak beste alderdi denak direlako maiatzeko hauteskundeei begira.
"Ez bizi zure mailatik gora"
Bitxia da, kapitalismo klasikoak ez du ongi ikusi izan zorpetzearen kontua: "Ez gastatu duzuna baino gehiago", zabaldu ohi du lau haizetara. Eskandaluzkoa da nola leporatu zaien klase apalenei "beren mailatik gora bizi izana". Baina 2008ko krisian ere, bankuek AEBetan arin bideratutako subprime maileguetan errun zuten krisia. Eta Espainiako Estatuan ere, higiezinen burbuila hipoteka "merkeek" puztu zuten.
Zorrarekiko mutur luzea itxurakeria besterik ez da, ordea, bazter guztietatik egiten baitu kuku maileguak, batzuetan krisien konponbiderako eta beste askotan krisien akuilu, baina beti kapitalismoaren bihotzean, beti biharko kontsumoa orainaldira ekartzeko prest. Aditu neoliberalek gustuko dutenez esatea, 2008ko krisiaren konponbidearen oinarrian egon da zorra, baina zeruertzean ageri den hurrengo krisiaren oinarri ere bada. Hazkundea moteltzen hasi dela, interesak gora egingo duela, Nazio Diru Funtsaren deiadarra gerrikoak estutzeko… Ez gara krisi batetik atera eta beste baten oihartzunak dardara barreiatu du han-hemenka. | news |
argia-33bb1ab5ebe4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/hitzeman-zorion-baten-melodia.html | Hitzeman zorion baten melodia | Itxaro Borda | 2018-10-14 00:00:00 | Hitzeman zorion baten melodia
Iluna. Euria jaits ahala kanpoan. Jendeak jauzika alde orotatik. Oihuka. Begiak tauladako mugimenduetan josiak. Gitarra zafraldi bikoitza eta hor hasten da Juan Carlos Perez kantan: hemen gaude ta poztutzen naiz... erretzen genuen orduan eta bata bestearen kontra tinkatuz, pizturiko briketak edo metxeroak altxatzen genituen, abesti baten magiaz zoriona hitzemana balitzaigun bezala!
Berrogei urte ospatzen ditu aurten, Itoiz taldeak Euskal Herriari oparitu zion perlak. 1978an grabatu zen Lau teilatu, Donibane Lohizuneko Bacchanales estudioetan, sortu berria zen Xoxoa disko-etxearen eskutik. Gaur egun bertsio ezberdinak kausitzen dira: Mikel Erentxun (Duncan Dhu) eta Amaia Monterok (La Oreja de Van Gogh) sartu zuten Gaztea irratiaren disko batean eta EH Sukarrak atzamar kementsuz berea eskaini zigun. Baina Juan Carlos Perezen hitzen zuku mikatz samurraren zaporea atera zion Joseba Irazokik behin, Itoiz omentzen zen arrats batez Bilboko Kafe Antzokian, Loraldia ekitaldiaren baitan. Han hemen, bestak bukatzean entzuten dira beti, zintzurrak haustear, gaua urratzen duten Lau teilatu eresiaren oihartzunak edozein herriko jaixetan . 2016an San Mamesen Eibar-Athletic partidaren aurretik Sociedad Coral de Bilbao koralak eta berrogei mila jendek komuniatu zuten goxo goxo kanta egin nazu xuxurlatzean.
Aiherran edo Garazin izango zen. Itoiz etorri zen, taldearen izen bereko album ubelaren presentatzera Iparralde honetara ere. Lau Teilatu aditu eta berehala sartu zitzaigun garunetan. Ez dakit zer genuen orduan hain zoritxarreko sentitzeko, bihar hilengo naiz orroaz ibiltzen ginen eta Mutriku-Ondarroako boskoteak hitz ematen zigun zorionaren premia gorria aldarrikatzen genuen garagardo, sagardo eta kalimotxo artean. Kanta, katartikoa bide zen, taumaturgoa, hau da sendagarri antzekoa, egiazki beharrezkoa genuena. Hegoaldean Franco hil ondoko trantsizioa zen, euskal mugimendua ezbaian zebilen, batzuk borroka armatua abandonatu eta besteek are larriago eragin zartagailu eta tiroei. Zalantzaz beteriko garaia zela nehork ez du ukatuko eta baldintza horietan felix, felix bihar egoteko promesak, gantzak bezala, bihotz-gogoetan on egiten zukeen.
Hemen gaude
ta poztutzen naiz
ta ziur zure aita ere bai;
ta zer ondo… zelan dijua
zure bufanda txuria?
Oraindik ere, –duela gutxi Bilboko Aste Nagusiaren karietara Abando tabernan geundela egiaztatua–, aski du batek hemen gaude murmuratzea, kasik abesti osoa mihi petik lerratzen senditzeko, iturriaren pare beti berria bailitzan. Juan Carlos Perez, Jose Garate alias Foisis Jauna, Jose Antonio Fernandez, Estanis Osinalde, Joseba Erkiaga flautan, German Ors, beranduago Jimmy Arrabit bateria jole ospetsua eta hondar aldera Jean Marie Ekay eta Xabi Pery ari izan ziren Itoiz taldea osatzen. Musikari bakoitzak bere zigiluaz markatu zuen Itoizen hamar urteko bilakaera. 1974an sortu zen Indar Trabes multzoaren jarraipena hartu zuten, dantzaldiak animatzetik orduan nahikoa modan zen rock progresiboaren eta sinfonikoaren soinuak gure bazterretan hedatzera pasatuz.
Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".
Juan Carlos Perez (1958, Mutriku) izan zen Itoiz taldearen arima eta burua. Hitzak eta melodia gehienak berak izkiriatu zituen, baina debuteko diskoetan Joseba Alkalde poeta lekeitiarraren izena aurkitzen da, bai eta geroago Jose Mari Argoitiarena eta Bernardo Atxagarena ere, letra egileen artean. Lau Teilatu osoki Perezen dohainetik isuri da. Imajinatzen ditugu gazte huts batzuk euskal kostaldeko hegats batean arrats apalean, lasai, etzanik, lau teilatu dituztela begien mugan eta ilargia erdian, batek gitarra dauka eskuetan eta besteak atabala jotzen du, flauta kokin bat airean dabilela, porroak elkarri luzatzen dizkiete, ezpainak borobildu eta kea botaz, bizitzaz gozatzea helburu soil. Errepikak irudimenaren eztitasun hori pixka bat hausten du, garrazten, ez direla erabat zoriontsu ikasten dugulako, edo behintzat etorkizunean zoriontsuago izatea desiratzen dute:
Lau teilatu gainean
ilargia erdian eta zu
goruntz begira,
zure keia eskuetan
putzara batekin… putz!
Neregana etorriko da
ta berriz izango gara
zoriontsu
edozein herriko jaixetan.
Ez dakigu kantariak aipatzen duen zu hori nor den, gizonezkoa ala emakumezkoa. Agian bost axola. Irakurketa ezberdinak egiten ahal dira. Eta noski egin direla! Kantan azaltzen da aita bat, absentea, eta zu pertsonaiak negar egiten du, entzule bakoitza izan daiteke, malkoak kolorea kentzen diola! Aita preso, edo urrutian ihesean, irudikatzera urrats bat baizik ez zen.
Goxo goxo
kanta egin nazu
Benitoren Maria Solt.
negarrik ez
txuri zaude ta malkoak
zure kolorea kentzen dute.
Lau Teilatu perlak ez du zimurrik hartu. Hor daukagu lehen aldiz aditu genuen bezain fresko, halako betikotasun hunkigarri batean hormatua. Belaunaldi berriek ikasten dute garaikidea bailuten! Egia erran, alde horretatik, euskal kanten baltsan sartzen da, hitz gutxi, denak funtsezkoak, ezin zaio jada bakar bat aldatu bere oreka lanjerrean eman gabe, izpirituak berehala gatibatzen dituen musika erakargarria baita. Harrapatu gintuen eta belaunaldiak harrapatzen segitzen du. Ez da debaldetan bigarren postuan sailkatu ETB kateko 2005eko Euskal Kantarik Onenaren lehiaketan, justu Xabier Leteren Xalbadorren Heriotzean (1978) ospetsuaren gibeletik. Abesti horiek egileak dituztela ahanzten goaz eta dagoeneko frankotan herrikoi gisa aurkezten zaizkigu.
Benito Lertxundiren Maria Solt dator lerro mutur batean buru-muinak harrotzera. Lau Teilatu k mugarri bat finkatzen du aitzineko kantautore belaunaldiaren eta etorriko den pop-rock zaleen artean. 70eko hamarkadan euskal kantagintza elektrifikatu zen Niko Etxart eta Errobi taldeko Anje Duhalde eta Mixel Ducauri esker. Halaber, Hegoaldeko folk abeslariak akustikoaren munduan pixka bat hertsian ziren eta Izukaitz edo Haizea bezalakoek bide berriak bilatzen zituzten, folk musika rock sinfonikoarekin uztartzen saiatuz. Itoiz arrago horretatik dator, Foisis jauna taularen eskuin aldean eta flauta soinuaren presentzia harrigarriarekin.
Benito Lertxundi (1942, Orio) euskal kantaren pizkundearen izarretako bat izan da, Ez dok Amairu multzoko kidea. Zenbat gera bezalako sorkuntza propioak eskaintzeaz gain, Zuberoako tradiziotik edan zuen ausarki, batzuen gustuko zuberotar ahoskera doi bat trakestu baldin bazuen ere. Maria Solt en bertsioa 1975eko … Eta maita herria izeneko albumean kausitzen da. Etxahun Barkoxeko (1786-1862) bertsolari minbera eta ironikoaren koplak zituen Lertxundik gaurkotu, soinu airos batez apaindurik. Maria Solt eta Kastero adin mardoan elkarrez maitemindu eta haurra espero duen bikote antzuaz trufatzen da Etxahun zaharra. Lau Teilatu halatan mendeen arteko lotura da, katebegi garrantzitsua.
Felix, felix bihar
berriz egongo gara
txanpain apur batekin;
diru gabe baina
izarrak gurekin daude,
piano baten soinuaz.
1980ko hamarkadan Euskal Herriko egoera gogorra zen. Euskal Rock Erradikala deituko zen bolerako taldeak ari ziren jada taula gainak punk moduan astintzen. Poliziaren errepresio eta bortizkeria giro orokorra salatzen zuten, zintzurrak eman ahala, lehen batean erdaraz eta aski laster euskaraz ere bai. Denbora haietan, beste alor anitzetan bezala, hautatu beharra zegoen: Itoiz zalea zinen eta beraz politika saihesten zenuen edo demagun Hertzainak-en jarraitzailea zinen eta gauez gau bakean utzi arte oihukatzen zenuen, Euskal Herriaren etorkizun askea desiratuz.
Euskadi Irratiko Faktoria emankizunean, 2018ko maiatzaren 5ean, Lau teilatu aipatzean, Juan Carlos Perezek zioen: oso biluzik sentiarazi nau. Hain da sintzeroa, benetakoa, hain nerabea… berrogei urteren buruan, beretzat kanta ona da, zirkularra. Dirurik gabe ibiltzera kondenatuak izanagatik, piano baten soinua, txanpain apurra eta zorion adiskidetsua hitz ematen zigun abestiak. Ez genuen aukeratu, eta ororen buru, Lau teilatu horiek ditugu dagoeneko geriza eta bake ikur edozein herriko jaixetan … | news |
argia-b0bb0cbbd29c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2616/faiza-abdi.html | "Erakundeetan emakumeon eskubideak babestu ezean, iraultzak ez du emaitzarik izango" | Aitor Aspuru Saez | 2018-10-14 00:00:00 | "Erakundeetan emakumeon eskubideak babestu ezean, iraultzak ez du emaitzarik izango"
Faiza Abdi Kobane kantoi kurduko Legebiltzarreko presidentea da, eta hango gonbidatuen etxean ongi etorria egin zion Durangotik joandako ordezkaritzari. Emakume hurbila, beroa eta alaia da. Munduan barrena ibilitakoa, Sobietar Batasunean eta Espainiako Estatuan izan da, besteak beste. Gerra hasi baino lehen Siriako hiri modernoetan bizi zen, orain, Rojavan lan egiten du buru-belarri: "Ez dut ezer faltan sumatzen, Kobanen gizatasuna dago nonahi".
Zein da zure kargua kurduen administrazioan?
Emakumeen Kontseilu Legegileko presidentea naiz eta Kobaneko eremuan legeak ezartzen ditugu. Lehenengo aldia da bertako herritarrok agintzen duguna gure lurraldean, eta arauak sortzeko beharrean gaude. Sistema berria ezartzeko oinarriak eraiki behar ditugu. Hori izan da gure betebeharrik handiena Siriako Erregimena joan zenetik, antolatu behar izan dugu dena jendearentzat.
Nola osatu zenuten organo legegilea?
2013an hasi zen lehenengo aldiz gure herria agintzen zonaldean eta hauteskundeak egin genituen herrixka bakoitzean, baita Kobane departamentukabanatu ere; ekialdekoa, hegoaldekoa eta mendebaldekoa. Eta erdian, Kobane hiria. Gune bakoitzean hauteskundeak egin eta kontseiluak osatu genituen; Kobaneko Kontseilua. Hori guztia 2013an egin genuen.
2013ko hauteskundeen emaitzetan oinarrituta abiatu genuen Kontseilua eta 61 lagun hautatu genituen. Ni horien artean nengoen eta gero ni presidente izatea erabaki zuten, gizonezko batekin batera. Lau urte igaro direnez, hauteskunde berriak egin beharko ditugu. Baldintzek ahalbidetzen badigute, jakina.
Zein da legeak egiteko prozesua?
Lehenik eta behin herriak dituen arazoak detektatzen ditugu. Adibidez, trafikoan. Gaia ikertu ondoren, bilerak egin eta emaitzak alderatzen ditugu. Behin legea idatzita, hiru aldiz berrikusten dugu. Horren ostean, gure ministerioek ezartzen dute eta elkarteekin eta komunekin batera lantzen dute. Abokatuak ere tartean daude gu laguntzeko.
Gai guztietan arautzen da?
Badira gaiak legerik ez dutenak behar, baina beste batzuk funtsezkoak dira, eta horietan arauak garatzen ditugu; trafikoan, osasunean, eta abarretan. Adibidez, emakumeentzako legeak sortu ditugu. Horrek zailtasunak ekarri dizkigu, gizartearentzat oso errealitate berria delako, baina guretzat ezinbestekoa da. Bileretan ere arazoak daude, zenbait gizonezkok ez baitituzte onartu nahi.
Esaterako, Kontseiluan bertan, alderdietako bost ordezkarik –ez gizarteko ordezkariak, baizik eta alderdietakoak–argudiatu zuten sistema berria zela eta beldur zirela, lege horiek hondamendia ekarriko zutela. Kontseilu Legegilearen hiru bilera egin genituen eta gizarteko jende askorekin batu ginen; biztanleekin, Kongreya Star erakunde feministarekin… Zonalde osoa bisitatu genuen eta guztiak konbentzitzeko ahalegina egin genuen, nahiz eta batzuekin ez lortu, emakume zein gizonezkoekin. Hala ere, esango dut guretzat garaipena izan zela jende gehiena lege horiek ezartzearekin bat etortzea. Hala ere, zailtasunak egon dira hori praktikan jartzeko. Etengabe sumatu dugu hori, jendearen ohiturak aldatzea ez da xamurra. Alabaina, apurka-apurka lege arrunt bilakatzen ari dira, beste hainbat arauren artean, eta hori aurrerapauso handia izan da guretzat.
Nola uztartzen dira komunen autonomia eta legeak? Talka egiten al dute?
Guk edozein lege ezarri baino lehen lantzen dugu. Adibidez, batzuek, emakumeen legea bezala, talka egiten dute komunitateen ohiturekin, baina ikertzen dugu, bilera handiak egiten ditugu dena jendeari azaltzeko, komunikatzen gara eta harremanetan gaude. Saiatzen gara jende oro konbentzitzen onura orokorrerako legeak badira. Baina ez bada horrela, ez badira interes orokorreko legeak eta jendearekin talka egiten badute, atzeratzen ditugu edo ez ditugu ezartzen.
Oztopoak daude, baina ulertu dugu zein den gure betebeharra: Kobaneren suntsiketaren ostean, legeak garatu herritarrak laguntzeko; etxeak berriro eraikitzeko, autoak konpontzeko… Horretan zerbait egiteko aukera badugu, egin egingo dugu.
Nola sortu duzue emakumeen legea eta nola garatu duzue?
Emakumearen legea gizarteari berari lotuta dago. Emakumeok buru-belarri sartuta gaude giza esparru orotan. Guk ikasi eta ikertu ditugu iraultzak, sobietarra, adibidez. Emakumeek parte hartu zuten, baina bukatu zenean etxera itzuli ziren. Guk uste dugu zerbait egin behar dugula gure kabuz, emakume gisa, etxera ez itzultzeko behin iraultza egin eta gero.
Emakumeok gizonezkoek baino gehiago sufritu dugu. Galdu ditugu senarrak, seme-alabak, etxeak... dena. Ziurtatu dezaket hainbat belaunaldik etorkizuna ere galdu dutela. Iraultzaren ostean ez baditugu gure eskubideak babesten erakundeetan, zer irabazi dugu? Guk iraultzaren parte izan behar dugu, urratsez urrats, eta gure eskubideak praktikan jarri beharra dago. Lehenik eta behin, gure oinarrietan, horregatik bi presidenteen sistema dugu; emakumezkoa eta gizonezkoa. Eremu guztietan egon behar dugu emakumeok; ekonomian, politikan, irakaskuntzan, osasunean... baita YPGn (Herriaren Autodefentsarako Unitateetan) zein YPJn (Emakumeen Autodefentsarako Unitateetan) ere.
Erakundeetan ez baditugu babesten gure eskubideak, iraultzak ez digu emaitzarik emango. Legerik ez balego, ezingo genukeen gizarteratu. Hori da emakume politikari edo feministen artean esaten duguna. Oinarriak ez dira nahikoa, beharrezkoa da gizartean zabaltzea. Ideia horrekin hasi ginen emakumeen legea garatzen.
Estatu Islamikoak 2014ko irailean ekin zion Kobaneko erasoaldiari. Kurduek 2015eko urtarrilean irabazi zuten gudua. Siriako kurduek hiru gune autonomo eratu dituzte, tartean, Kobane.
Zeintzuk dira lege horren artikulu garrantzitsuenak?
30 puntu ditu eta guztiak dira garrantzitsuak. Bat ez da bestea baino funtsezkoagoa, guztien helburua baita berdintasuna eskuratzea, justizia sozialaren ikuspegitik. Puntu guztiak elkar-osagarriak dira.
Baina batzuk agian deigarriak dira Mendebaldeko herritarrentzat. Adibidez, poligamiaren aurkakoa.
Egia esanda, lege horiek ere existitzen dira Europan, gizonezkoak ezin dira ezkondu emakume batekin baino gehiagorekin. Gure azken xedea da berdintasuna lortzea gizonezkoen eta emakumezkoen artean.
Horregatik gure legeek bermatzen dute emakumeen esku egotea dibortziatzea, lehen gizonezkoek soilik zeukaten eskubide hori, guztiz berria da. Orain emakumezko ezkongabeek edo dibortziatuek izan dezakete familia, eta hori guretzat garrantzitsua da. Gainera, emakumea banatzen denean, haurrak berarekin geratu behar dira.
18 urte ez dituzten neskak ezin dira ezkondu. Neska bat ezkontzen badute 15 edo 14 urterekin, bere aita atxilotzen dute. Guretzat, mutilek zein neskek izan behar dute aukera ikasteko. Hori ez bada bermatzen, familiak zigortzen dira. Eta jakina, ezin dute emakume gazte bat ezkontzera behartu.
Aldi berean, ezkontzen direnek, etxerako erosten dutena erdibana ordaindu behar dute, lehen gizonezkoek prestatzen zuten dena. Horrela, banatzen direnean, norberak bere ondarea hartuko du. Horrez gain, emaztea edo senarra hilez gero, bikotekideak sei hilabetez itxaron beharko du berriz ezkontzeko, errespetua adierazte aldera.
Bestalde, gure gizartean ohitura da, emakume batek umerik ez badu, gizonezkoak beste batekin ezkontzeko eskubidea izatea, baina orain gure legeek hori debekatzen dute. Hala ere, gizona ezkontzen bada, hiru hilabeteko espetxealdia izango du.
Siriako Erregimenarekin hasi ditu negoziazioak administrazioak. Non dago emakumeen legea hor?
Gai askok banatzen gaitu: sozialak, energetikoak, osasuna, armada... Edonola ere, Siriaren etorkizunean organo legegile berria osatu beharko da, konstituzio berria idazteko, eta han kurduek, arabiarrek eta Sirian bizi diren beste komunitateek ordezkaritza izan beharko dute. Horren ondorioz, lege berriak ezarriko dira, ez gureak, ez haienak. Hori gertatu arte, gure lurraldean guk sortutako arauak baliatzeko eskubidea daukagu.
Siriako Erregimenak ez du emakumeen legerik, baina bere konstituzioa irakurtzen baduzu, emakumezkoen berdintasuna aipatzen da. Hori bai, teoria besterik ez da, praktikari erreparatzen badiozu, ez dago horrelakorik. Aldiz, guk legeak garatzen ditugu praktikara eramateko gaitasuna daukagun neurrian.
Siriako etorkizun politikoa ez dago argi. Nik esaten dizut gu borrokatuko garela emakumeen legearen alde, emakume gisa, ez kurdu edo arabiar bezala. Emakume siriarrok borrokatu eta erresistitu beharra daukagu, dagozkigun eskubideak bermatzeko etorkizuneko Sirian. | news |
argia-92fc04035184 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/eneko-oroz-ormazabal.html | "Nazka mezuen aurrean, nire gorputza ez zentsuratzeak indartu egiten nau" | Mikel Garcia Idiakez | 2016-05-29 00:00:00 | "Nazka mezuen aurrean, nire gorputza ez zentsuratzeak indartu egiten nau"
Ez dela ederra, baina bai desiragarria. Hala esan digu 31 urteko lasarte-oriarrak. Eredutik kanpo dagoelako Eneko Orozen gorputza gutxiesten dutenei, bere burua hipersexualizatuz eta bere gorputz biluzia aldarrikatuz erantzuten die.
Zibersexuan murgildu eta zure gorputzarekiko mespretxua aurkitu duzu.
Pornoa beti interesatu zait, baina ez ninduen betetzen, eta post-pornora hurbildu nintzen. Porno militantearen aldeko manifestua ere atera genuen. Orduan jendea hasi zen ni pornoaren barruan irudikatzen, eta besteengandik nire gorputzarekiko arbuio eta higuin esplizitua sentitzen hasi nintzen. Helarazten zidaten desira gorputz eredu jakin batzuetara mugatzen zela eta eredu horretan ez nengoela ni: "Ez egin hori, ze nazka, ezin duzu zure gorputza publikoki sexualizatu". Aldiz, beti izan dut nire burua hipersexualizatzeko joera, desiraren mapetatik ezabatu nahi izan nauten heinean horri kontra egiteko modua izan delako, baita nire gorputza erakusteko lotsarik ez dudala adieraztea ere; horregatik igotzen ditut biluzik nagoen argazkiak sarera.
Duela urte batzuk, Twitter sare sozialean Lizunak izeneko ekimena sortu zen, ahalduntzen asko lagundu duena: jendeak argazkiak bidaltzen zituen eta gure Euskal Herri puritanoan gorputzak biluztasunera atera ziren, batzuk ezarritako kanonak betetzen zituztenak eta beste batzuk ez. Denak jotzen ziren desiragarritzat, eta hori oso indartsua izan zen. Ekimenean parte hartu nuen, baina nik ez diot nire buruari argazkia ateratzen ederra delako, mapan jartzeko eta auto-errebindikatzeko baizik. Eta badakit jendea egon badagoela ni desiratzen nauena, desiratu nazakeena eta desiratuko nauena. Ez dut nire erotikotasuna ikusten, baina nire erotikotasunean sinesten dut; autoestimu baxuaren aurkako borroka ere bada.
"Desiraren mapetatik ezabatu nahi izan nauten heinean, horri kontra egiteko modua izan da nire burua hipersexualizatzea"
Erakargarria izan nahi dut, baina ez edertasunaren parametroetan, ez dut nire gorputza moldatu nahi gaur egun edertasuna ulertzen den moldeetara, baina erakargarria naizela erakutsi nahi dut. Zentzu horretan, ugly activism delakoa (aktibismo itsusia) asko interesatzen zait, eta nik ulertzen dudan eran indarra hartzeko oso baliagarria zait: dena eder izatean zentratu beharrean, agian ez zara ederra eta ez duzu ederra izan beharrik, baina horrek ez dizu gaitasuna kentzen erotismorako eta sexualizatzeko; elbarriak, zaharrak… ez dira desiragarritasunaren mapatik kendu behar. Aldarrikatu dezagun aniztasuna.
Edertasuna eta desiragarritasuna ezberdinak dira, hortaz.
Edertasuna eta desira ezberdintzen ditut ez edertasuna ukatzeko, baizik eta desirarako edertasuna derrigorrezko baldintza gisa ulertzearen kontra egiteko. Plazera eman eta jaso dezakegu, edertasunaren filtro horretatik pasa gabe. Gainera, edertasunaren zentralitateak bizitza asko suntsitzen ditu.
Aniztasuna ederra dela eta denak garela ederrak dio diskurtso onberak.
Alaitasunarekin alderatzen dut. Depresiorako joera dut, batzuetan triste eta haserre nago munduarekin eta adibidez nire burua festetan ateratzera derrigortu izan dut, etxean okerrago egongo nintzela banekielako, baina jendea gerturatu eta nik irribarre egin arte tematuta aritzen da, nahiz eta nik irribarrerako gogorik ez izan. Nolabait, irribarrea marraztera behartzen zaituzte eta behin hori lortuta, bestea lasai gelditzen da, ahazten zaitu eta parrandan jarraitzen du. Edertasuna antzera ikusten dut: ez nazazu derrigortu nire gorputza eder ikustera, ez badut eder ikusten. Horrek ez du esan nahi mundutik ezkutatu behar dudanik.
Autolaguntza gidek diotenez, gure burua maitatzea omen da oinarria.
Nire buruarekin harreman konplexua daukat. Emozionalki guztiz suntsitu nintzen eta birsortzea lortu nuen. Nire buruari galdetu nion, zer da zure zorionerako positiboa? Eta niretzat onak ziren ideia eta dinamikei lehentasuna ematen saiatu nintzen. Ordutik, nire gorputzarekin ez baina nire buruarekin banago gustura eta nire barnerako ikuspegia ona da, nahi dudan bezala birsortu naizelako. Kontua da, nik lehenesten ditudan baloreak ez direla gizartean nagusitzen direnak, eta hortik inguruarekiko talka bortitza. Egungo jendarte ereduan, bizitza batzuk aurrera ateratzea izugarri gogorra da.
Nazka iruzkinen aurrean, zure biluztasuna defendatzen duzu.
"Ez nazazu derrigortu nire gorputza eder ikustera, ez badut eder ikusten. Horrek ez du esan nahi mundutik ezkutatu behar dudanik"
Nazka adierazten didaten iruzkinen aurrean nire gorputza ez zentsuratzeak indartu egiten nau. Badago jende bat ito egin nahi gaituena eta plazera sentitzen duena besteak zapalduz eta gutxietsiz, eta une batzuetan oso gogorra den arren, ez dutela lortuko esateko era da, eta ez da nire kontua bakarrik. Nik modu pertsonalean bizi badut ere antzera bizi duen jende ugarirekin partekatzen dut borroka hau.
Normalizaziorako bide bat da, ni anormal jaio nindutelako (normatibitatetik kanpo, alegia), oso txikitatik baztertua sentiarazi ninduten (hasieran buruhandia nintzelako, gero beste gauza batzuengatik), "zu ez zara normala" da etengabe jaso dudan mezua, eta hori oso suntsikorra da. Beti galtzaileen bandoan ikusi dut nire burua. Normatibitatetik kanpo bizi zarenean, batzuetan gehien desiratzen duzuna da normala izatea, normala izateak bakea eta lasai egotea esan nahi duelako, eta horretan saiatzen zara, baina ez dago zure baitan eta azkenean denak egiten du eztanda, lasai zaudelako, baina ez gustura. Lasaitasun antzua da, egokitzeko saiakera, baina ez zara zu. Nire helburua da sortu naizen bezala sozializatuz bizi ahal izatea, jazarpenik jasan gabe. Autoestimua indartzea, eta horretarako ugly activism edo biluztasuna bezalako tresnak erabiltzea, zoriona… Dena bide bera da, eta hori da nire bidea.
Zure gorputzarekin harreman osasuntsua daukazu?
Ez daukat harreman positiboa, baina bai osasuntsua, gehiegi baloratzen ez dudan arren, horrek ez nauelako inoiz eraman nire gorputzaren aurkako joera suntsikorretara.
Eta gizartean, harreman osasuntsua daukagu gure gorputzarekin?
Edertasunaren diskurtsoak duen nagusitasunaz aritu gara. Joera batzuek derrigortzen gaituzte gure gorputza hiper-kontrolatzera eta konplexuz beteta gaude. Eta nik zorte handia daukat, mutila naizelako, euren gorputza erakusteagatik eraso basatiak eta gupidagabeak jasan dituzten nesken kasuak ezagutzen ditudalako. Jende gehiegi ikusi dut bere gorputzagatik sufritzen, eta hori ez da sanoa. Dena den, fokua ez da jarri behar bere gorputzarekin harreman gatazkatsua duen jendearengan, harreman hori bultzatzen duen ereduarengan baizik.
Zure burua hipersexualizatzea da zure arma. Oro har, gorputza sexuari eta desioari lotuta epaitzen al dugu?
Ezberdina da nik nire burua neure erabakiz hipersexualizatzea, edo besteek zugan sexua baino ez ikustea, eta batzuetan gehiegi sexualizatzen dugu, bai. Haurrari bularra ematen ari zaion ama sexualizatzera iritsi gara. Ongi ikusten dut plazera gure bizitzen erdigunean egotea eta oso dibertigarria da gure bizitza sexualizatzea, baina pertsonak pertsona bezala tratatzea ere beharrezkoa da. Izan ere, emakumea emakume izate hutsagatik objektibizatzea kaltegarria da. Ezagutzen ditut mutilak ez direnak kapaz neskak lagun gisa ulertzeko, euren artean sexu harremanik izan gabe.
Lodifobiaz (lodienganako fobiaz) hitz egin da azkenaldian.
Lodifobiaren aurkako aktibistak sekulako lana egiten ari dira eta bai haiei eta bai mugimendu feministari eskerrak eman behar dizkiegu, halako gaiak agendan jartzea eta horiez gogoetatzea lortzen ari direlako. Orain arte ikusezinak ziren jazarpenak ateratzen eta borrokatzen ari dira. Garai interesgarriak bizi ditugu eta aintzat hartzeko gauza asko egiten ari dira. Yes, we fuck dokumentala adibide oso gomendagarria da, normatibitatetik kanpo dauden pertsonek sexualitatearekin duten harremanaz. Aurreiritzi askori aurre egiteko bikaina da. | news |
argia-56482f1fa5af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/magufak.html | Magufak | June Fern�ndez | 2016-05-29 00:00:00 | Magufak
Tarot kartak irakurtzen dituen feminista baten artikulua publikatu dugu Pikara aldizkarian berriki. Doinu umoretsu batean, bere jarduera defendatu gabe, komentatu zuen esoterismoan ere pertsona LGTB eta queerrak existitzen direla, eta beraz garrantzitsua deritzola astrologian ere heterosexismoaren kontra egiteari. Berehala, iruzkin mordoa jaso dugu, besteak beste:"Feminismoa kakazten duzue zuen magufadekin". Edota "trol matxistek magufada horiek erabiliko dituzte gure ospe onaren kontra egiteko".
Baten batek agian ez du ezagutuko "magufo/magufa" hitza. Interneten zabaldu egin dute, "sasi-zientzien" kontra aktibismoan dabiltzaten "eszeptikoek" (kakotxen artean, korronte horrek erabiltzen duen terminologia). Eta zeintzuk dira sasi-zientzia horiek? Mordoa aipatzen dituzte, denak maila berean jarriz: astrologia, homeopatia, ufologia, reflexologia, Bach loreak, akupuntura... Ondorioz, "magufoak" dira zientzian oinarritu ordez "pentsaera magikoan" oinarria daukaten praktikak gustuko dituztenak.
Diskurtso eszeptikoan patriarkatuaren eta kolonialismoaren aztarna nabariak sumatzen ditut. Alde batetik, paternalismoa: uste dute gu, sineskorrok, tuntunok, salbatu behar gaituztela, iruzurtien kontra egin behar dutela gu engainutik libratzeko. Mendebaldeko medikuntza eta zientzia, logika patriarkalen arabera
garatu dira
Sumatzen da "magufo" hitzak mesprezu eta iseka kutsua duela. Bi magufo mota daude, eszeptikoen ustez: "Sineskorrak" (horrelako txorakerietan sinesten duten pertsonak) eta "iruzurtiak" (gazteleraz engañabobos ). Sineskorrak engainatzen dituztenak, etekin ekonomikoa ateratzeko, sendalariak, xamanak, igarleak eta abar dira. Horren arabera, Pikara ko artikulua idatzitako laguna iruzurtia da, eta, hori dela eta, hedabide serio batek ezin dio horrelako pertsona maltzur bati ahotsik eman.
"Magufo" hitza lehendabizi entzun nuenetik, identitate hori harro onartzea erabaki dut. Bai, egia da, magufa bat naiz eta harro nago. Pertsonen sinesmenak errespetatzen ditudalako; ibuprofenoa baino senda-landareak nahiago ditudalako; uste dudalako zerbaitek on egiten badizu, berdin duela froga zientifikorik dagoen ala ez. Eta jarrera eszeptiko harroputzak gogaitzen nauelako.
Diskurtso eszeptikoan patriarkatuaren eta kolonialismoaren aztarna nabariak sumatzen ditut. Alde batetik, paternalismoa: uste dute gu, sineskorrok, tuntunok, salbatu behar gaituztela, iruzurtien kontra egin behar dutela gu engainutik libratzeko. Mendebaldeko medikuntza eta zientzia, logika patriarkalen arabera garatu dira. Horren isla bi: emakumeen prozesuen medikalizazioa –hilekoa, haurdunaldia, menopausia–, sexu eta identitate aniztasunaren patologizazioa. Beraz, zientzia hori ez da, inondik inora ere, gustukoen dudan erlijioa.
Zientzia horiek kulturen aspaldiko sinesmenak mesprezuz alboratzen dituztenean, pentsaera kolonialista agerrarazten dute. Kuban Yoruba erlijioarekin (santeria, alegia) eta Erdialdeko Amerikan Maya herrien sinesmenekin harreman estua izan nuen. Oso aberasgarriak izan zitzaizkidan, baina horiekin identifikatu ala ez, gutxienez, Europatik helduta ondo legoke herri horientzat kolonialismoaren kontrako erresistentzia praktikak bezala ulertzea. Kolonbian ere azaldu zidaten gatazka armatuaren emakumezko biktimekin lan egiteko orduan xamanen sendakuntza praktikak oso onuragarriak zirela. Zer axola sasi-zientziak diren ala ez, arimako zauriak sendatzen laguntzen badituzte?
Feminismoan ere badaude "pentsaera magikoa" mehatxutzat jotzen dutenak. Horiei norbaitek erantzun zien, hauxe esanez: "Gaur egun, Erdi Aroan bezala, feminismotik ere, sorginen kontrako kriminalizazioa mantentzen da". Sorgin garaikideak gustukoak izan ala ez, horiek baino kalte gehiago eragin eta etekin ekonomiko handiagoak ateratzen dituzten maltzur boteretsuak badaude. Esaterako, botika-industria. | news |
argia-fc9c8005906d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/eneko-sagardoy-aktorea.html | "Iruditeria berritzea komunak konpontzea bezain beharrezkoa da" | Lander Arretxea | 2016-05-29 00:00:00 | "Iruditeria berritzea komunak konpontzea bezain beharrezkoa da"
Agendak aginduta ezezkoak eman behar dituen horietakoa da Eneko Sagardoy –besteak beste– aktore durangarra. Antzerkian buru-belarri dabilen bitartean, Altzoko Handiaren azalean jartzeko lanetan ari da orain, Aitor Arregi eta Jon Garañoren zuzendaritzapean. Aitzakia bikaina 2017an estreinatuko duten filmaz eta beste makina bat gaiez galderak erantzuten jartzeko.
Zenbat aldiz galdetu dizute harrituta: 94koa zara?
Askotan, bai. Batzuetan esaten didate: "Joder, ze zortea duzun, hain gazte eta hainbeste lan", kasualitatea izango balitz bezala. Tarteka amorratzen nau, badakidalako atzean zenbat lan dagoen. Baina badakit esaten didanak harritzeko motiboak ere badituela. Ez luke hala izan behar, baina zoritxarrez, ez da ohikoa.
Ez dira asko zure gisan pantaila eta eszenatokietan ikusten ditugun aktore gazteak. Egon badaude?
Esperientzia handiko profesionalekin lan egiteko aukera izan dut: Patxo Telleria, Mikel Martinez, Ander Lipus… Asko eskertzen dut hori. Baina askotan faltan izan dut adin bereko jendearekin aritzea. Ardurak eta hasten ari denaren ilusioa konpartitzeko gogoa dut nire egoera antzekoan dagoen jendearekin. Baina ez da aktore gazteak falta direlako. Egon badaude, pila bat gainera. Ez ditugu ikusten ez dutelako lekurik haien gaitasunak erakusteko. Duela gutxi 200 gazte aurkeztu ziren Pabellon 6k deituta Romeo eta Julieta obra egiteko castingera. Gazte formatu asko dago zain, eta batzuk kanpoan bizi dira hemen ez dutelako lan egiteko aukerarik.
Eta zu, bitartean, arnas hartu ezinda.
"Herri ekimenetan
gaur egun kultura hartzen da aisialdi jarduera huts gisa"
Egia esan bai. Oraintxe Aundiyaz gain, Amodioaren ziega , Arren ganbara eta emeen sotoa eta Zergatik Jamil antzezlanekin ari naiz. Eta bien bitartean, negurako beste film baten aurre-produkzioan eta udazkenean estreinatuko den antzerki obra bat prestatzen. Hori guztia Ikus-entzunezko Komunikazioa Gradua ikasten dudan bitartean.
Hala ere, une bakoitzean, emanaldi bakoitzaren aurretik esaten diot nire buruari: "Nik orain eta hemen egon nahi dut, ez beste inon". Ez diot etorkizunari ez iraganari asko begiratzen. Hori da erronka, unearekin konektatuta egotea. Gauza asko galtzen dituzu bestela.
Tartean bizi ere egin beharko da ba.
Ikusten ditut herri mugimenduetan buru-belarri ari diren lagunak, eta askotan esaten diet ez direla ari bizitza disfrutatzen, horretarako bakarrik bizi direla. Haiek gauza bera esanez erantzuten didate niri. Egia esan, pena hori ere badut, ez gehiago murgildu ahal izatea herri ekimenetan, baina uste dut ni ere eragiten ari naizela beste bide batzuetatik…
Erraza jarri didazu galdera korapilatsua botatzeko. Nola uztartzen dira herri mugimenduak eta sorkuntza?
Herri ekimenetan gaur egun kultura hartzen da aisialdi jarduera huts gisa, betetzeko osagai moduan, eta modu ez arduratsuan. Deialdiak izaten dira: "Behar dugu tarte bat betetzeko… Behintzat jendea emozionatu dadila apur bat…". Baina artea ez da osagai bat. Jendeak ez du ikusten antzerkiaren atzean dagoen formakuntza lana, testuak eta paperak prestatzekoa… Eta kosta egiten zaigu gurea ere ofizioa dela edo izan daitekeela ikusaraztea.
Askotan tokatuko zitzaizun doan lan egitea ere.
Euskal Herrian auzolana eta militantzia oso errotuta dago, eta beti ikusi dut nire inguruan borondatearen kultura hori. Nik egin dut lana doan, baina hori zer den ere zehaztu behar genuke: batzuetan ikasi dut pila bat sosik gabe egindako film laburretan, eta oso ondo kobratutako proiektuetan berriz, osasuna galdu dut. Diruarena ez da filtro solidoa. Horrek ez du esan nahi gure lanaren balioa aldarrikatu behar ez dugunik. Iturgin batek beti galdetzen du zenbat kobratuko duen, ezta? Guk aldiz konplexuak ditugu aurrekontu bat aurkezteko.
Batzuek Madril edo Parisera jotzen dute hemen lortzen ez duten baldintza eta egonkortasun ekonomikoaren bila.
"Telebista publiko bat izanda ere, ezin dugu fikzioan lan egin.
Nola ez da jendea Madrilera joango?"
Niri lasaitasuna ematen dit jakiteak lanik ez badidate ematen nire kabuz lana sortzeko gai izango naizela. Eta horretarako zein da gakoa? Formakuntza. Gustatzen zait pentsatzea horrek nolabaiteko autonomia ematen didala. Erabakitzeko gaitasuna, irizpide ekonomikoen gainetik. Madrilera joango banintz, gehiago litzake hiri handi batean bizitzearen esperientzia behar dudalako, lana lortzeko baino.
Madrilen bai eta hemen apenas dagoena ikus-entzunezko fikzioa da. Loreak edo Amama bezalako filmek arrakasta izan dute, baina urte oso baten bi ordu eskaserako ematen dute soilik. Zer dugu ikusteko gainontzeko egunetan?
Hori bera galdetzen dut nik. Momentu honetan, zenbat lan-eskaintza ditugu euskal aktoreok? Ia ez dago ikus-entzunezko fikzioan lan egiteko aukerarik. Urtean film bikain bat, aktore bakan batzuei aldi bateko lana ematen diena, eta telebistan ia ezer ez. Telebista publiko bat izanda ere, ezin dugu fikzioan lan egin. Nola ez da jendea Madrilera joango? Nola ez dugu han eta hemen doan lan egingo film labur eta antzekotan? Gure burua entrenatuta eta lanean mantentzeko modu bakarra hori bada…
Irudikatu iturgin bat, hasi behar duena bere lagunei komuna konpontzen, edo zergatik ez, pintatzen, inori, Euskal Herri osoan, ez zaiolako hodirik izorratzen. Komunak konpondu behar diren moduan, iruditeriak ere berritu egin behar dira, ureztatu behar da imajinazioa. Herri honek behar du fikzio berri bat; beharrizana da. Horretarako norbaitek gidoiak idatzi behar ditu, beste batek onartu eta guk lan egin. Ez badugu horretarako aukerarik, gurpil hori geldirik dago.
Ia ordubete daramagu hizketan, eta oraindik ez dizut Aundiya z ezer galdetu. Zurekin beste inon topo egin duenak pentsatuko du: egia esan, Sagardoy horren handia ere ez da…
Casting arduradunak deitu ninduenean burura etorri zitzaidan lehenengo gauza hori izan zen: horretarako gorputza falta zait niri… Baina zinearen magiaz baliatu gara ikusleari Aundiya oparitzeko.
Neurriak neurri, kosta zaizu Altzoko Handiaren larruan jartzea?
Asko, bai. Zailena hori izan da. Oraindik lan horretan nabil. XIX. mendean erlijioak eta baserriak zuen pisua oso urrun dago nire egungo kezketatik. Etengabe hazten ari den pertsona baten minak eta beldurrak ere nire egin behar izan ditut; euskalkiarekin eta ahotsarekin borrokan ibili naiz… Oso zaila izan da, baina zailtasunarekin batera dator plazera ere. Egunero lanera erronka horrekin joateak oso bizirik sentiarazi nau.
Zenbat izango du filmak fikzio hutsetik eta zenbat biografiatik?
" Aundiya k ez du kontatzen Joakin Eleizegi izan zenaren biografia: bi anaiaren arteko adiskidetasun
istorioa da"
Egiaztatutako informazio gutxi heldu da gaur egunera. Horrek askatasuna eman die gidoilariei, eta baita aktoreoi ere. Gainera Aundiya k ez du kontatzen Joakin Eleizegi izan zenaren biografia: bi anaiaren arteko adiskidetasun istorioa da. Ezaugarri berezia da anaietako batek aldaketa bortitza jasaten duela eta horrek biei eragiten diela. Oso oinarrizko sentimenduetara jotzen duen pelikula da. Badirudi denboran atzera joanda urrunera joango garela, baina XIX. mendean eta orain kezka eta beldur antzekoak ditugu.
Nabari da lan-taldean Loreak ek izandako arrakastaren oihartzuna?
Bizitzako alor guztietan bezala, behin asmatzen duzunean, hurrengo pausoa indar gehiagorekin ematen duzu. Nik ez nuen Loreaken parte hartu, eta ez naiz alderatzeko gai. Dena dela, absurdoa irudituko litzaidake jendeak Loreaken pareko zerbait espero izatea, hau oso ezberdina izango baita. Eta hori ona dela uste dut: hunkitu dezala jendea beste bide batzuk landuta. Egia da foku gehiago daudela jarrita Loreakekin lortutako arrakasta eta gero. Hori balia badaiteke filma toki gehiagotara eramateko, hala izan dadila.
Ez zara ohituta egongo hainbeste jenderekin lanean aritzera.
Hori bada zinetik erakartzen nauen zerbait: 100 laguneko ekipo bat lanean aldi berean helburu batekin, bakoitza bere alorretik. Puntako jendea dago, gainera, sektore guztietan. Halakoetan ikusten da zer nolako profesionalak ditugun. Argi dut Euskal Herrian goi-mailako gauzak egiteko gaitasuna duten pertsonak egon badaudela. Bestetik, oso zuzendari sentiberekin egin dut topo: badakite entzuten, eta gauzak oso argi izanda ere jolasari tartea ematen. Oso babestua sentitu naiz eta hori garrantzitsua da niretzat. Lana euskara hutsean egiten dugu, eta horrek ere lagundu dit etxean bezala sentitzen.
Arrakasta handia badu, akaso alfonbra gorriren bat ere zapaldu beharko duzu…
Horrek beldurtzen nau apur bat, bai. Pentsa, larritzen nintzen baten batek Goenkalen azaldu nintzelako ezagutzen ninduenean.… Gure lanaren parte da eta, beno, hori ere probatu beharko dugu. Baina gertatzen dena gertatzen dela, nagoen leku lasai honetan segi nahi dut. Jarraitu lanean, ikasten… Photocalletara joan behar banaiz, joango naiz, baina jakinda alfonbra gorri horretan ez dudala aurkituko lasaitasunik. Alfonbra gorria egun batean jarri eta hurrengoan kendu egiten da. Zer gertatzen da urtearen gainontzeko egunetan handik pasatzen direnekin? | news |
argia-d5fe16a393bf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/musika.html | Barbiere koloretsua | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-05-29 00:00:00 | Barbiere koloretsua
Amaitu da OLBEren 64. opera denboraldia, modu alai eta baikorrez amaitu ere. Horretarako titulu ezin aproposagoa da Rossiniren Il Barbiere di Siviglia . Oso erraza entzuteko, aria ezagunak dituena, amaiera pozgarria duena… Bai, hainbeste drama, heriotza eta iluntasunen ondoren, ondo etorri zaigu holako txute distiratsua. Kasu honetan, gainera, ez da obra bera bakarrik argitsua izan, gainontzeko guztia baizik. Eszenografia, Llorenç Corbellak sinatua, ikuskizunaren alderdi onenetako bat izan zen. Sinplea, baina ez xumea; sofistikatua, kargatua izan gabe. Eta esanguratsua: txuri-beltzez hasiera batean, eta mila koloretakoa bukaera alai horretarako. Eduardo Bravoren argitze ederrak ere eragin zuzena izan zuen efektu dotore horretan.
Baina goazen aztertzera printzipioz gehien inporta zaiguna, alderdi musikala hain zuzen ere. Alor honetan aitzakiarik ez, egia esan. Aitortu behar dut sorpresa txiki bat izan nuela Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren lehenengo konpasak entzun nituenean, eta ez sorpresa txarra. Guztiz kontrakoa, talde fina aurkitu genuen, ñabardura delikatuak egiteko ahalmena duena, malgua eta arreta handiz gauzatzen zituena zuzendariaren keinuak. José Miguel Pérez Sierra, zuzendaria, puntu-puntuan aritu zen, bide batez.
Bakarlariei buruz ere, gauza onak esan daitezke. Distiratsuak, batzuk beste batzuk baino gehiago. Marco Caria baritonoak Figaro eraginkorra egin zuen. Aise interpretatu zituen koloratura zailak, eta taxuz mugitu zen taula gainean. Michele Angelini tenoreak berriz, Almaviva konde arina interpretatu zuen. Ahots kolore polita du eta abila da koloraturak egiten ere, baina bere pertsonaia lau samarra geratu zitzaion, nahiz eta, esan bezala, kalitate bokal nahikoa erakutsi. Hala ere, nire ikuspuntutik, bi izar izan genituen saio honetan. Alde batetik ahots biribila duen Annalisa Stroppa mezzoak, primerako aktore bezala mugitu zena, bikain egin zituen bere aria guztiak. Ederra entzun genuen, adibidez, Una voce poco fa famatua. Orokorrean maila altua mantendu zuen saio osoan zehar. Eta bigarren izarra Carlos Chausson baxua izan zen: sasoi onean dago ahotsez eta modu konbentzigarriz egin zuen Bartoloren rola. A un dottor de la mia sorte aria modu bikainez abestu zuen, besteak beste. Aipamen bat egin nahi nuke Susana Cordón mezzoaren interpretazioari buruz. Txikia zen bere papera, baina ederki abestu zuen eta komizidade izugarria erakutsi zuen. Bestalde, Emilio Sagiren eszena zuzendaritza bikaina izan zen. Amaiera ederra, bada. | news |
argia-b88e8c71d63e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/rossano-ercolini-zero-zabor-europako-lehendakaria.html | "Zero Zabor errepublika zabal bat da, behetik gorako mugimendua: etorkizuna gurea da" | Pello Zubiria Kamino | 2016-05-29 00:00:00 | "Zero Zabor errepublika zabal bat da, behetik gorako mugimendua: etorkizuna gurea da"
Goizean eskolan ari zen umeekin Capannorin, eguerdian hegazkina hartu Pisan, Loiun barrena gauerdian heldu, larunbatean Hernanin hitz egin errausketaren aurkako aktibistei, "zorionak zuri!" entzun (61 bete ditu) bazkaritan, igande goizez Zubieta eta Usurbil, bazkal ostean hegazkina eta astelehen goizean eskolan ariko da berriro.
Hona hemen Barack Obamarekin hitz egiteko aukera izan duen gizon bat.
2013ko apirilaren 18an gertatu zen, bai. Urte hartan Goldman Prize saria jaso genuenok izan genuen ohore hori: Irakeko Azam Alwash, Hegoafrikako Jonathan Dial, Indonesiako Aleta Baun, AEBetako Kim Wasserman eta Kolonbiako Nora Padillak, Bogotan hondakinak birziklatzen dituzten langileen liderrak.
Etxe Zurira joan aurretik Munduko Bankuan errezibitu gintuen erakunde hartan hondakinen kudeaketaren eta klimaren aldaketaren gaiak jorratzen dituen task force [zuzendaritza tekniko] osoak, eta hori seinale nabarmena da, errauskailuak finantzatzen aritu den erakundea interesatzen hasi delako Zero Zabor esperientziez ere, lanpostuak ugaritzeko daukaten garrantziagatik.
Harreman horiek guztiak Goldman Fundazioak ematen dituen sarietako bat irabazteagatik.
Bai. 2012ko urri amaieran deitu zidaten eskolara: "Hello, Mr. Ercolini? Hemen Goldman Fundazioa, San Franciscotik. 2013ko Ingurumen Saria irabazi duzu!". Urteak daramatzat lanean Lucca (Toskana) inguruko Marlia herriko eskolan. Atsedenaldia bukatuta geografiako ikasgaia ematen harrapatu ninduen deiak, 5. mailako 27 haurren artean. Neska-mutikoak barrezka hasi ziren telefonoz ingelesez sentitu nindutenean, ea norekin aritu nintzen hizketan. San Franciscoko andre bat zela. "Eta zer nahi zuen?". "Esan dit Rifiuti Zeron [Zero Zabor] egindako lanagatik sari oso inportante bat eman didatela". "Zenbat diru?" "150.000 dolar!". Eta haiek: "Baina orain aberatsa zara!". Lanak izan nituen haur haiek konbentzitzen albistea sekretua zela eta nire konplize izan behar zutela hori isilik gordetzen…
Zer esan zenion Obamari?
Lau minututan, hasteko esan nuen lehen mailako eskolako maisu bat naizenez igual neska-mutikoek zorotzat hartuko nindutela Obamarekin Etxe Zurian egon nintzela esandakoan. Barre egin zuten denek. Ondoren esan nion Italian sinpatia handia geniola presidentearen emazte Michelleri Etxe Zuriaren ondoan baratzea egiten zuelako eta konposta ere bai. Gure kezka azaldu nion Washington hiriburutik gertu batzuek erraustegi bat proposatzen dutelako, eta gure itxaropena dela amerikarren diru publikoak errausketaren ordez konpostatzera, birziklatzera eta Zero Zabor estrategietara bideratzea.
AEBetako gizarte mugimenduetan asko daude haserre Obamarekin. Zero Waste mugimenduan, esaterako, Brenda Platt edo Neil Seldman bezalako pertsonalitate erreferentziazkoak, Yes we can hura sinetsi zutenak, oso etsita daude Obamarekin honen agenda multinazionalek gehiegi baldintzatu dutelako: baina kanpotik begiratuta uste dut ez dagoela konparaziorik Obamaren AEBen eta George W. Bushen interbentzionismo gerrazale eta multinazionalen interesei lotu haren artean.
Erraustegien kontrako zure borrokan hasiera konta iezaguzu.
1995eko udazkena beroa izan zen gurean. Toskanako eskualdeak bi erraustegi berri eraiki nahi zituen Lucca probintzian, bata Capannori gure herrian eta bestea Pietrasantan. Horren aurrean Non bruciamo il futuro (Ez dezagun etorkizuna erre) elkartea antolatu genuen. Capannorik dituen 40 auzoetan egin genituen bilerak, herritarrek masan erantzun zuten, erraustegia egin nahi zuten Casa del Lupon mila lagun bildu ginen.
Ni eskolan modu nahiko bitxian hasi nintzen gaia lantzen. Goiz batez zaborrez betetako zaku beltza eraman eta hasi nintzen hartatik ateratzen botilak eta bidriozko zerak, sagar eta platano hondarrak, Coca Cola eta kontserba latak, plastikozko botilak, kaiera orriak, kartoiak… Pilatan sailkatu ostean, galdetu nien haurrei: "Zer ikusten dituzue pila hauetan, hondarrak ala zaborrak?". Eta haiek azkar: "Hondarrak!". Gero batek esan zuen aita paper fabrikan ari dela lanean eta kontatua diola paper usatuekin berria nola egiten duten, besteak aita ikusi izan du fruitu kondarrekin ongarria egiten… "Orduan, non da zaborra?" nik, eta haiek: "Ez da zaborrik!".
Hala ere, hortik erraustegi bat gelditzera…
Jauzi kualitatibo bat behar genuen, halako zientifikotasun zigilu bat zertifikatuko zuena gure arerioen eta batik bat iritzi publikoaren aurrean erraustegiak oso arriskutsuak direla. Horretan babesik gabe aurkitu ginen, isolaturik. Berdeek ere esaten zuten errauskailu zaharrek kutsatzen zutela dioxinaz, baina belaunaldi berrikoek energia sortzeaz gain ez dutela kutsatzen beste fabrika batek edo autoen trafikoak baino gehiago. Ni Alderdi Berdearekin aritua nintzen hasieratik, zinegotzi ere izan nintzen, baina errausketaren kontra egotetik alde egotera aldatu ziren, esaten genuen berdeak zirela dolarraren kolorea zeukatelako.
Garai hartan ez genuen aurkitzen inguruko unibertsitateko irakasle ospetsurik babestuko zuenik, datu gezurta ezinekin, errausketaren aurkako gure jarrera. Medicina Democraticako doktoreek lagundu ziguten, baina politeknikoetako mundu akademikoak belaunaldi berriko errauskailuak sustatzen zituen. Eta errausketaren lobbyak ekin zion herritarrak konbentzitzeko kanpaina indartsuari.
Orduan, esan ohi duzunez, gertatu zen zuen Big Bang berezia.
AEBetatik ekarri nahi izan genuen Barry Commoner New Yorkeko CBSN Biologia Naturalaren Sistemen Zentroko zuzendari eta ekologismo modernoaren sortzaileetakoa. Hura gaixorik zegoela eta, Paul Connet ekarri ahal izan genuen, St. Lawrence unibertsitatean Ingurumen Kimika irakasten zuena, dioxinak elikagaien katean transmititzeaz azterketa ezagunak plazaratua.
1996ko urtarrilaren 25erako antolatu genuen eztabaida, Luccan. Errausketa sustatzen ari zen arduradun nagusia, Del Lungo, etortzekoa zen baina… ez zen azaldu, Connet bakarrik utziz. Aretoa jendez beteta zegoen, inguruetako alkate eta zinegotziak, bestelako agintari eta funtzionarioak, kazetariak, herritarrak… Amerikarrak kikildu ote zuen Del Lungo? Connetek, hitz egiteko txanda eman ziotenean, ireki zuen maletatxoa eta handik aterata panpinazko oilasko bat ipini zuen errausketaren aholkulariak hitz egin behar zuen lekuan, esanez: "The yellow chicken!" (Oilo bustia).
Paul Connet ezagutzen dugu Gipuzkoan ere, bai, komunikatzen maisua da.
Connetek azaldu zuen erruduna dioxina dela, erraustegi modernoetatik ere erasotzen duen killerra . Berriek zaharren dioxinen hamarrena isurtzen omen dute, baina bitartean deskubritu da dioxinak lehen uste zirena baino ehun aldiz arriskutsuagoak direla. Ez dira biodegradatzen, eta bitan egiten dute kalte: haizeak eta tenperaturak airez barreiatzen dituztenean, eta elikadura katean sartzen direnean. Emakumeak, gainera, gantzetan pilatzen den pozoi hori kanporatzeko modu tragikoa dauka: haurdunaldian daraman umeari pasatzen dio, eta horrela ondorengo belaunaldiei. Gero daude metal astunak, kadmioa, merkurioa, beruna, artsenikoa, eta beste pozoiak…
Gutxi balitz, gezurra da errauskailuak "hondakinen zikloa ixten duela" dioten hori: ehun tona hondakin erretzeak 30 tona eskoria uzten ditu, horietatik %10 errauts arriskutsuak, zabortegi bereziak behar dituztenak. Horra zergatik. Errausketak gutxitzen ditu gaikako bilketa eta birziklatzea, eta multinazionalek hain maitea duten hiper-kontsumoa sustatzen.
Baina zuek Luccan irabazi egin zenuten.
Lortu genuen bai Capannoriko eta bai Pietrasantako proiektuak geldiaraztea, eta geroago 2008an Castelnuovo de Cafagnanako erraustegi zaharra ere ixtea lortu zen.
Pietrasantakoa ez zenuten geldiarazi eraiki eta martxan jarri ostean?
Pietrasantak bazuen 1974an Falascaiako erraustegi zaharra. Herritarrek etengabe salatzen zuten hark beren osasunean sekulako kalteak eragiten zituela. Eta hura itxita arazoa konpontzera zihoazela zirudienean, 1997an agintariek erabaki zuten haren lekuan berria eraikitzea. Herritarroi esaten ziguten Europako sistema kontrolatuena zela, dioxina isurketak etengabe neurtzen zituelako, eta abar.
Hondakinak erretzen hasi eta bi urtera Falascaiaren kudeaketa pasatu zen Veolia multinazional frantziarraren eskuetara eta laster gutun anonimo bat iritsi zen epaitegira, seguruenik boterea galdu zuen norbaiten mendekua izango zen: Falascaian emisioak kontrolatzeko sisteman software bat jarri zutela kutsaduraren neurketa faltsutzeko, datuak hamar aldiz gutxituz. Urte batzuk geroago Volkswagen autoen eskandaluaren antzera.
Tarte horretan, 2003an analisiek erakutsi zuten erraustegiaren kutsadura zela legez onartua baino hamabi bider handiagoa. Eta gauez inguruko errekara ur kutsatua isurtzen ere harrapatu genituen. Azkenean, estatuak 2010ean itxi zuen Pietrasantako labea. Gaur Lucca "Incinerator Free" lurraldea da.
Lorpen horiekin, ez da harritzekoa inguruetatik zuei laguntza eske hastea.
Lehenagotik, 1996ko Big Bang hartatik hasi zitzaizkigun deika Italia osotik, Toskana, Lazio, Ligurua, Campania… Gure elkartea "Ambiente e Futuro" bihurtu genuen. 2004an Rifiuti Zero sarea antolatu genuen Italian, aurretik mundu osoko mugimenduekin ere harremanetan jarrita. Capannori bihurtu zen lehenbiziko Zero Zabor herria Italian. Eta mundu mailako Zero Waste biltzarra 2009an Napolin antolatu genuen.
Irakurleak oroituko dira Napoliko zaborrez, telebistek irudi ikusgarriz erakutsi zuten Italiako hegoaldeko krisia.
Napolin, eta oro har Campanian, edonola kudeatzen ziren hondakinak. Agintariek modu burugabean jokatu zuten Campanian, erabat baztertu zuten gaikako bilketa, eta itsu-gorrak bailiran hurrengo apustua egin zuten mega-errauskailu batzuen alde, batere gardenak ez ziren konpainiekin elkartuta.
Napoliko zaborren dramak abiada eman zion milaka herritarren heltze prozesuari, zabor pilatuen erdian gaikako bilketa aldarrikatzen hasteko. Elkarrekin aritu ziren Italiako Rifiuti Zero eta lekuko hainbeste talde eta elkarte, hainbeste bilera, manifestazio eta elkarretaratzetan.
Ez denak bakean bukatuak, hain zuzen ere.
Oraindik begien aurrean dauzkat 2004ko abuztuaren 29ko irudiak, 30.000 pertsona oinez abiaturik Acerra herritik erraustegia eraikitzen ari ziren obren aldera, eta jende olde hura nola geldiarazi zuten helikopteroetatik bonba negar eragileak jaurtiz, emakume eta haurren artera. Zero Zabor mezua geldiarazi nahi izan zuten jendea tratatuz etsaia balitz bezala, atsedenlekuak militarizatuz, poliziarekin erasoz hondakinak hobeto kudeatzeko irrikaz ari ziren herritarren manifestazioa.
Egia da azkenean Acerrako erraustegia egin egin zutela, jendearen borondatearen kontra. Baina aldi berean gaikako atez ateko bilketa eta Zero Zabor eredua zabaldu dira Salernon, Beneventon, Avellinon eta beste herri askotan. 2014rako Salernok, bere 140.000 biztanleekin, gaikako bilketan %70 gainditua zuen, ondoren Benevento, Portici, Agerola, Torre del Greco, Maiori, Ravello eta beste askok bezala.
Italiatik zein da Euskal Herrira ekarri duzun mezua?
Hernanin egon nintzen 2010ean, lau aldiz jina naiz geroztik. Duela sei urte gauzak ez zeuden hain argi, batetik beldur handia eragiten zuen errausketak baina bestetik frogatu beharra geneukan ea Atez Atekoa zen Hernanirentzako soluziorik onena. Gaur esan dezakegu Atez Ateko bilketak eta Zero Zabor praktikarik onenek emaitza onak ematen dituztela Hernanin. Hernanin bezala ikusi dut Usurbilen eta badakit Gipuzkoan beste asko ari direla berdin.
Neroni harrituta geratu naiz hemengo konpostatze sistemarekin. Nire iritzian, Europako konpost sistemarik onena dago Hernanin. Gustatuko litzaidake zuen sistema kopiatzea Capannori gure herrian. Baina Zero Zabor sistemaren beste ataletan ere Hernani norabide onean ari da, ziurrenik, gizartea sakonki inplikatu delako, lekuko gizarteak parte hartu nahi duelako Zero Zaborrerako bide horretan.
Indar handiko mezua da hori politikarientzako. Ez naiz ari udal mailako politikariez, ikusi baitut alkatea Zero Zabor bidea sustatzearen oso alde dagoela. Baina indar handiko mezua da Donostiako politikarientzako.
Esaiezu, beraz, Donostiako agintariei.
Ez da posible sustatzea errausketa gizarteak bultzaka ari direnean horrelakorik eraiki ez dadin. Europako gobernuak abiatu dira bide beretik. Izan berria naiz Ljubljanan (Eslovenia). Ljubljana da Zero Zabor helburua aldarrikatu duen lehenbiziko hiriburu europarra.
Ljubljana gai baldin bada abiatzeko norabide horretan, ez dut ulertzen zergatik Donostiak, Europako Kultur Hiriburuak, zergatik itzuli nahi duen iraganera. Ez da posible. Mesedez, oso garrantzitsua da saihestea hanka-sartze tragiko hori
Errausketa iragana da. Errausketa da gure etorkizuna erretzea. Etorkizuna behar dugu, gazteentzako etorkizuna. Gazteak asko inplikatzen dira, zeren eta zaborren zorroari begiratzen baitiote etorkizuna daukatenen begiekin. Ezin dugu erre gazteen etorkizuna.
Hau da politikarientzako mezua: gizartea egiten ari da berari dagokiona. Zuek, politikook, gauza bera egin behar duzue, hartu lekuko komunitateen helburuak eta eskatu enpresei gauza bera egitea. Ez dugu nahi produktu birziklagaitz edo konpon ezinik, produktu ez-konpostagarririk. Diseinu berria sustatu, hondakinak ekidin, zaborra saihestu. Komunitatea oso ondo ari da, hondakinen %70 eta %80 gaika jasoz. Arazoaren gainerakoa konpontzea dagokie politikariei eta enpresei. Mezua da: demokrazia!
Hemen denek aipatzen dute demokrazia…
Zero Zaborrek izan nahi du halako errepublika zabal bat, praktika onen itsasoan bat egiten duten hainbat nazionalitate eta esperientzien errepublika. Errepublika eder bat behetik zabalduz doana, Zero Zabor behetik gorako mugimendua baita. Demokrazia ekintzan, beren bizilekuetan burujabe izan nahi duten jendarteak. Horrelako gizarteek daukate etorkizuna, beheko mailan kontsentsuak eraikitzen dakitenek. Goitik beherako ereduetan, erabakiak hartu egiten dira baina ondoren bete gabe geratzeko arriskuarekin. Ez, etorkizuna gurea da. | news |
argia-44537bc2a76c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/sutondotik-plazara.html | Ekin sormen-jorrari | Garazi Zabaleta | 2016-05-29 00:00:00 | Ekin sormen-jorrari
"Baratze bat nahi dizüt egin / amets sekretuenekilan / liliak egün jauntzi eijerrenetan / mila kolorez dantzan bihotzetan" zioen Pier Paul Berzaitzek abestian. Nork dio, bada, baratzea ez denik adierazpen artistiko? Kolore, ehundura nahiz konposizio ugari topa daitezke letxuga eta alberjinia artean, tripak ez ezik irudimena elikatzeko ere balio dutenak. Irudimen hori bultzatzeko asmoz, elikadura burujabetzaren inguruko sorkuntza lehiaketa abiatu dute Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako erakundeak eta Etxalde Nekazaritza Iraunkorraren aldeko elkarteak: Sutondotik Plazara. "Lehiaketa bidez elikadura burujabetzaren inguruan hausnarketa eta gogoeta piztea eta jendea horren inguruan pentsatzen jartzea da ideia", azaldu digu Miren Saiz Alzugarai Bizilurreko kideak.
Argazki, ilustrazio, ikus-entzunezko edo narratiba
Lau kategoria horietako batean aurkez daitezke lanak. Ilustrazioak eskuz eginak nahiz digitalak izan daitezke, eta argazkiak jatorrizkoak edo ukituren bat dutenak. Ikus-entzunezko edozein motako lana aurkez daiteke, gehienez bost minutuko iraupena duena, eta narratiba atalean, berriz, edozein generotako lanak: kontaketak, poemak, artikuluak, ipuinak… Gizarte osoari zabaldutako lehiaketa da Sutondotik Plazara. Dena den, bada antolatzaileek bereziki mugiarazi nahi duten jende bat: "Unibertsitate giroko jendea eraldaketarako agente garrantzitsu da, eta iaz haien lan dezente jaso genituela kontuan izanda, aurten ere horrela izatea espero dugu", dio Saiz Alzugaraik.
Sariak, dirutik harago
Kategoria bakoitzeko irabazleentzat egongo diren sariez gain, bestelako hiru sari berezi ere jarri dituzte antolatzaileek: "Begirada feminista" saria, "Denok baserritarren eskubideen alde" saria eta "Publikoaren - Donostia 2016 saria" Azken honen irabazlea interneteko bozketa bidez erabakiko du publikoak, uztailaren 15etik aurrera.
Diru-saritik harago, irabazleek Elikadura burujabetzaren inguruko Bigarren Europar Forumean (Nyelleni Europe) parte hartzeko aukera izanen dute, Errumanian.
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2an ireki zuten www.bideberriak.eus/lehiaketa webgunean, eta uztailaren 15era bitarte egonen da irekita. Beraz, hartu aitzurra, bideo kamera nahiz arkatza eta ekin sormenari! | news |
argia-099d73d40a52 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/kazakhstan-errezil.html | Kazakhstan - Errezil | Jakoba Errekondo | 2016-05-29 00:00:00 | Kazakhstan - Errezil
Sagar guztiak sagar bakar batetik datozela sinesteak lanak ematen ditu. Milioika urteko garapenaren ondorioz, sagar batetik abiatuta, gaur egun 20.000 bat sagar barietate eta kultibar direla jotzen da. Horietatik 7.000 inguru lantzen dira. Batzuk berez sortu dira, naturak eman dituenak: mutazioen, nahasketen eta hibridazioen ondoren munduratuak. Beste asko, milaka eta milaka, geuk "egin" ditugu: egokiak iruditutako aldaerak hartu eta landuz hobetu. Gogoko bat lortutakoan hari heldu eta eutsi. Lortutako horren berdin-berdinak izango diren landareak izateko txertatu egiten dira. Txertoarekin bezala, aldaxkak edo eskejeak erabiliz ere kopia berdinak sor daitezke. Kopia horiek klonak dira. Amaren berdin-berdinak. Batzuetan gogoko landare horri eustea komeni den bezala, bestetzuetan berriak sortzea da helburua.
Loraldiaren sasoia duela baliatuz, sagarrari helduta jarraituko dut. Sagarrak Kazakhstandik omen datoz, "sagarren herria" esan nahi duen Almatytik. Omen. Hango sagar makatza edo basaka edo txertaka batetik, Malus sieversii. Asia osoan, Txinako muturretik hasi eta Mediterraneoraino sagarrak jaten direnaren arrasto argiak daude, baita idatzitakoak ere. Ramses II faraoiak bere baratzean sagarrondoak jarrarazi zituen duela 3.200 urte inguru. Kristauen Itun Zaharrean, adibidez, duela ia 3.000 urte aipatzen dira sagarrak. Homerok ere bere Iliada eta Odisea -n sagarrak aipatzen ditu, jai olinpikoetako parte.
Mediterraneoaren alde horretatik etorriko zen gurera sagarrarekiko grina. Hemen ere, agian, izango ziren sagar basakak, baina horiek hobetu, landu eta kultibar berriak sortzeko jakintza Asia aldetik etorriko zela iruditzen zait: grekoak, erromatarrak eta arabiarrak milaka urteko jakinduriaren laburpena ekarriko zuten. Eta guk raka, guretzat harrapatu. Eta urteen poderioz ehunka sagar berri sortzeko erabili. Egun dugun aberastasuna adibide; adibidez: Errezil sagarra.
Kazakhstan, Txina, Pertsia, Egipto, Grezia, Erroma, Errezil, milaka urteko bide bat. Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza etengabekoen bidea, jakintzaren bidea. Etorkizunaren bidea. | news |
argia-c0232b88b1e0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/lasarte-oriaren-berreuskalduntzea.html | Ederki izerdituta lortutako miraria | Onintza Irureta Azkune | 2016-05-29 00:00:00 | Ederki izerdituta lortutako miraria
Lasarte-Orian euskararen bilakaera. Atzera begira, aurrera begiratzeko mahai-ingurua. Hizlariak, Mailu Arruti, Pello Sasiain eta Marga Iturriza, harro daude lortutakoaz. Atzera begira hasi eta irribarrea ateratzen zaie.
Biztanleen %80 inguruk euskararik ez zekien udalerriaz ari dira hizketan. Egun, gazteen %85 da euskaraz hitz egiteko gai. Iturrizak "miraria"ren bi giltza esaldi bakarrean bildu ditu: trebetasun politikoak eta gaitasun teknikoak bat egin zuten.
ARGIAk Ttakun kultur elkartearekin batera antolatu zuen mahai-ingurua maiatzaren 12an, bi eragileek antolatutako Lasarte-Oria ikusteko beste betaurrekoak ekimenaren barruan.
3.000 biztanletik 18.000ra
Berezia baita Lasarte-Oria. 1986an hartu zuen udalerri izaera, aurrez Lasarte Hernanikoa zen eta Oria Urnietakoa. 1950eko hamarkadatik 80ko urteak arte ezagutu zuen immigrazioa, batik bat Espainiako Estatutik. Michelin enpresak eta beste hainbatek erakarri zituen langileak. "Lasarte-Oria etxe pilaketa baino ez zen, ez herri izaerarik, ez nortasunik", esango du Mailu Arrutik. Pello Sasiainen ustez, bertakoen jarrera azpimarratzekoa da, "kanpotarrak bere aberriaren izkina batera etorri ziren, hemengoek bertoko sentiarazi zituzten, malgu jokatu zuten haiekin. Badirudi elite batek pentsatutako prozesua izan zela, baina herriak lan oso garrantzitsua egin du. Gure aitona-amonek jarrera humano eta inteligentea izan zuten". Gaineratuko du ordea, bertakoek bazekitela bereizten nor zertara etorria zen, lanera batzuk, estatuaren zeregina betetzera beste batzuk.
Bi hiztun komunitate
Arrutik bi auzo nagusiak egiten ezagutu ditu, Zumaburu eta Sasoeta, eta banaketa fisikoa ere aitortzen du: "Mojen komentuko horretan zegoen muga". Ikastetxeetan desberdintasuna agerikoa zen: "Garaian jarri behar da. Beldur asko zegoen, frankismo bete-betean geunden. Euskaldun askok ez zuten ikastolaren aldeko apustua egin. Eskola publikoan ematen zuten izena hizkuntza-konplexuagatik: izan dadila gu baino gehixeago, ikas dezala espainolez...".
Marga Iturrizak irakaskuntzan bi komunitateak ederki bereizita zeudela uste du: "Ikastolak prestigioa mantentzeko eta indartzeko lana zuen eta eskola publikoaren helburua euskaraz ez zekitenei ematea zen. Batzuek mantentzeko eskubidea zuten eta besteek jasotzekoa. Eskola publikoan ere bazeuden bi komunitate, batzuk euskararen aldekoak eta besteak erabat kontrakoak. Horri buelta eman behar zitzaion".
Sasiainek plaza hizkuntza gaztelania ezagutu zuen, tarteka euskaraz entzuten bazen ere, etxean erabiltzekoa zen: "Jende batek jakin zuen ordea esaten hemen bazela plazaratzen ez zen hizkuntza bat, eta kanpotarrek ikasi zuten euskararekin harremana zuten neurrian hemengoak zirela. Euskararen berreskurapena ideia handiekin lotzen da, baina gure aurrekoen izaeragatik, kanpotarren aurrean hartu zuten jarrerak emaitza batzuk izan zituen". Arrutiren ustez, aldiz, egoerak bestelako norabidea hartu zuen euskarazko eskola behar zela ikusi zenean. Arruti bera Landaberri ikastolako lehen promoziokoa da: "Ez zen hizkuntza berreskuratzea bakarrik, nazio ikuspegia, herria eraikitzeko gogoa zegoen eta bide bat ikusi zen irakaskuntzatik". Iturrizaren ikasleak udan al pueblo joaten ziren. Irakasleak galdetzen zien: "Baina zu non jaio zara?" "Lasarten!". "Orduan aitonaren herrira joan zara".
Euskarak prestigio gutxi zuen Iturriza eskolan zebilenean: "Gurasoekin lan handia egin behar zen. Ezkutua altxatzen zuten. Ez zuten hain garbi euskaraz ikasi behar zenik. Horren aldeko apustua egin genuen, baina hala egiteak ez zuen esan nahi denek egin zutenik".
Lehen erronka haiek
Ehuneko 80k ez zekien euskaraz. Portzentaje hori ibili zen bolo-bolo mahai-inguruan. Gaur egun erabileraz kezkatuta baldin bagaude, "orduan DYAko sorosleak joan zitzaizkion euskarari eta ahoz ahokoa egin zioten", dio Arrutik. Euskara ikasi behar zuen jendeak hizkuntza salbatuko bazen. Arrutik berak esango digu: "Bihotz eta anima ibili ginen helduen euskalduntzean. Ikaragarria da 50 urte pasa eta gero atzera begiratu eta lortutakoa. Harro egon beharko genuke. Orain dauzkagun ezagutza eta erabilera tasak? Gaztetxoen erabilera? Ez da kasualitatea, ingurura begiratu eta gure tankerako herriek errespetu pixka bat badigute gai honetan. Beste gauzetan igoal ez, baina honetan bai".
Eskola publikoan, Iturrizak ezagutza eta erabileraz gain erronka gehiago nabaritu zituen. Ikuspegi soziolinguistikoaren beharra, are ikuspegi psikosoziolinguistikoaren beharra nabarmendu du, bestela aktibismoan erortzeko, eta emankorrak ez izateko arriskua zegoelako. Motibazioa eta atxikimendua sendotu beharra azpimarratu du. Eta hiru "k"k aipatu ditu: kontziente, konpetente eta koherente izatea. Sasiaini harrigarria zitzaion erabiltzen ez zen hizkuntza ikasteko gogoa bazegoelako, eskaera zegoelako. Ezagutza zen lehentasuna.
Arrakastaren giltza: adostasun politikoa
Arruti, Iturriza eta Sasiainek, hirurek uste dute Lasarte-Orian euskara erdigunean jartzea lortu zela, beste guztiaren gainetik, eta horixe izan dela herriaren berreuskalduntzearen giltza. Hala dio Arrutik: "Oso modan dagoen bizikidetzarekin lotuko dut. Ezberdinen arteko, ez dakit nola deitu... itun isil, idatzi gabeko bat egin zen. Jendeak bat egin zuen egoera linguistiko gogorrari aurre egiteko. Badakigu euskaldunak ados jartzen ez garela oso iaioak. Kostako zen, baina eskerrak, eta eskerrik asko. Beste gauza batzuekin ez gara batzen, baina hizkuntzarekin hordagoa jo zen eta ondo atera zen".
Iturrizak ez zituen ezagutu "ituna"ren garaiak, baina antzeman zuen herrira heldu zenean ikuspegi politikoen gainetik egiten zela lan: "Abiapuntu anitz horretatik oso sare konpetentea egin zen. Ttakun zen pieza bat, eta beste bat Udaleko Euskara Zerbitzua. Euskararen alde bat egite hura klabe handienetakoa izan zen. Giltza horrekin toki askotara joan gintezkeen".
Sasian "ituna"ren garaian EAko zinegotzia zen. Badaki zerbait gaiaz: "Batzuetan erakundetzea politika eremutik egin dela ulertzen da. Hemen ez da horrela izan, gurasoak, euskararen inguruko taldeak, ikastetxeak, udala... denek osatu dute puzzlea". Eta adostasun politikoaz esango du: "Kontserbadoreak, iraultzaileak, ezkerrekoak, eskuinekoak, abertzaleak, erdikoak, goikoak... denak batzea beste gauzetan gatazka iturri bazen, euskarari zegokionez aukera izan behar zuela erabaki genuen. Jende gehiena alde jartzea lortu behar genuen, eta alde jartzea lortzen ez genuenak errespetuz jardun zezala euskarari buruz".
24 urtez alderdi sozialistak gehiengo absolutuarekin agindu zuen Lasarte-Orian, eta jarrera frentistarik ez duela izan dio Arrutik, "ezta gutxiagorik ere. Euskara erdigunean jarri zen, aurkako jarrerak neutralizatu ziren. Hori belaunaldi batean lortzea kristorena da. Oraingo alkateak, alderdi sozialistakoak, euskaraz hitz egiten du. Orain dela 30 urte zeinek pentsatu behar zuen hori?".
Sasiainek aurrekontuez daki: "Hernanik hainbesteko aurrekontua bazuen, bada guk zerbait gehiago. Hori bai, gauza batzuk ez genituen konpondu, adibidez, AEK eta udal euskaltegiarena, baina arazoa ez zegoen herrian".
turrizak "ituna"ren garaia esaldi bakarrean bildu du: "Urte batzuetan trebetasun politikoa eta gaitasun teknikoa izan genituen Lasarte-Orian, eta orduan ... pufff! oso sare indartsua hedatu zen".
Zer lortu da?
Laburpena egiteko eskatu diegu mahaikideei. Arrutik bost mezutan egin du sintesia: "Hizkuntzaren inguruan ezberdinen baturak eman dituen ondorioak iruditzen zait herri gutxitan gertatu direla; kontrako jarrerak neutralizatu dira, herriaren %80k ez zekien euskaraz eta orain %80 edo gehiago euskararen alde daukagu; 50 urtean lortu da hori eta ikaragarria da, eta ez da hizkuntzarekin bakarrik lortu eta ez dakit oso kontziente garen horretaz; herri mugimendutik sortu da, ez da berria baina hemen bada berezitasuna; jendeak oholtzara igotzeko lotsa galtzea lortu da". Sasiainek bi zutabe nagusi azpimarratu ditu lorpenen artean: ezagutza eta prestigioa.
Eta hemendik aurrera zer?
Lau urtean behin egiten duten Euskararen Maratoia aurkeztu berri dute eta Arrutiri gustatu zaio aurtengo erronka: 300 lagun euskaraz egiteko prest eta 3.000 lagun euskara entzuteko gogoz: "Bazirudien ezagutzak ekarriko zuela erabilera baina ikusi dugu ezetz. Katalanak ez bezala, ez diogu gureari eusten, sumisoak gara, edukazioz egiten dugu gaztelaniaz. Euskaldunok erronka daukagu horretan".
Iturrizak inertzian erortzeko beldurra du: "Mailuk esan du atzera-bueltarik ez dagoela, baina ekipo motibatua mantentzea erronka da. Gainera, hurrengo belaunaldiari transmititu behar zaio. Lana dago egiteko, lan aberasgarria eta pozgarria". Sasiainen ustez, ezagutza eta erakundetzea beharrezkoak dira, baina erabilera indartu behar da. Erabilera prestigioarekin lotzen du, gazteen atxikimendua lortzeko euskararekiko arduraz aritzea proposatzen du, alegia, aurreko belaunaldiekiko eta ondorengoekiko dugun arduraz jokatzea. | news |
argia-31d65d0d6eab | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/jean-michel-coscarat-baigorriko-auzapeza.html | "Herritarren harremanak aldatzen ari dira, euskara orain ez da politika afera" | Mikel Asurmendi | 2016-05-29 00:00:00 | "Herritarren harremanak aldatzen ari dira, euskara orain ez da politika afera"
Baigorri, 1958. Bi urte auzapeza dela, Aintzina Baigorri hautagaitzaren izenean. Ez dago ezein alderdi politikori atxikia. Sukaldaritza Eskolako irakaslea da Donibane Garazin. Baigorri –herria eta eskualdea– ezaguna da, eta aurten are gehiago ezagutzera eman da: errefuxiatuen krisia dela eta, etorkinak aterpetu ditu duintasunez. Postetxea zabalik atxiki du gartsu. Nafarroaren Eguna arrakastatsua izan da berriz ere. Etxauzia Jauregia erosi nahi dute Nafartarren Etxea antolatzeko: "Proiektu hori erreusitzen badugu, Baigorrin zerbait handia abiatu dela erakutsiko dugu" , erran digu auzapezak.
Jean-Michel Coscarat abertzalea al da? Zergatik Aintzina Baigorriko zerrendaburu?
Lehenbizi, ez nuen zerrendaburu izan nahi. Antton Kurutxarri abertzalea zen buru, baina, naski, bera buru izan balitz ez zen hautatua aterako. Auzapez gisa aurkeztu nintzelarik, ez nuen hastetik "abertzale naizen edo ez" erran nahi. Hautatua izanik zenbaitzuk gaitzitu dira: "Orain auzapeza abertzalea da", entzun da. Ene nahikaria da Euskal Herriarendako zerbaiten egitea, abertzale naizela erran gabe ere. Azken 40 urteetako egoera politikoak herriaren elkarbizitza larritu du, anitz jende abertzaleen aurka agertu da. Aintzina Baigorri taldea abertzaleekin muntatua da, ez da dudarik.
Bi urte egin duzu auzapez karguan. Zer-nolako esperientzia bizi izan duzu?
Sei urtez kontseilari aritu nintzen, oposizioan. Iruditu zitzaidan gauzak ez zirela behar bezala joaten. Jean-Baptiste Lambertek –14 urtez auzapez izandakoak– eta bere taldekoek ez zuten ongi hartu ni auzapez izatea. 19 hautetsi gara, lau oposizioan dira. Ordura arte gobernatu zuen taldeari buru egiteko, ideia eta alderdi guztietako jendea bildu behar izan genuen. Hastapenean zaila atzeman nuen taldea kudeatzea, beti ez bainaiz ados denekin, ez denetan ere. Baina, borrokak izanki ere, akort jartzen gara. Pazientziak laguntzen dit horretan.
Zein dira herriaren behin-behineko beharrak?
Lehen-lenehik: Baigorriko biztanleria adinetako jendea da nagusiki. Hori makur handia da, gazteak ez dira herrian gelditzen. Azken lau urteetan 100 biztanle galdu dugu. Paradoxa da, elkarte franko dago –Basaizea da horietako bat–, herria biziarazten dute, baina gazte horietako anitz ez da herrian bizi. Herria hiltzen ari da, komertzioak ixten. Orain gutxira arte zazpi hotel ziren eta orain hiru dira. Iaz 20 etxe inguru baziren saltzeko, ez badugu deus egiten etxe horiek hutsak geratuko dira. Joera hori aldatzeko enplegua sortu behar dugu. Banka herrira doan bidean lantoki-gunerako proiektua abiatu dugu. Herriaren erdigunean komertzioak plantatu nahi dugu.
Oinarrizko zerbitzuak nola daude? Osasun zerbitzua, adibidez?
Lambertek abiatu zuen Osasun Etxea ongi ezartzea izan da lehen zeregina. Proiektua medikurik gabe abiatu zen. Mediku gazte bat izateko xantza ukan dugu. Paristik hona jiteko prest zegoen, baina bere emaztearendako lana eskatzen zuen. Urte bat pasa zen, proiektua afera politikoa bilakaturik. Nekez, baina azkenean medikua jin da. Proiektua abiatu zenean, oposizioan ginenok ez genuen herriak bere gain hartzea nahi, Herri Elkargoak baizik, ibarreko osasun-gunea baita. Azkenik martxan da. 25 langile dira denetara. Osasun zerbitzua ontsa finkatzea funtsezkoa da edozein herritan.
"Jean-René Etchegarayk eta bere ondokoek erraztu dute bidea. Berak egin duen lanik gabe, Elkargoa ez zen aitzina joanen. Enbeia eta ausardia behar dira"
Postaren afera entzutetsua izan da. Mobilizazioei esker Baigorri eskualdeak zerbitzu hori atxiki ahal izan du.
Guretzat inportantea zen ibar osoa kontuan hartzea. Banka, Aldude eta Urepele barnean izatea. Gazteak sartu dira herriko etxe horietan, ibarra administratzeko moldea aldatu nahi dute. Denok elkarrekin ari izanez, posta-etxea salbatu dugu. Postarik gabe ez zen eskualdearen bizimoldea amesterik. Manifestazioak egin ditugu, Pauen izan gara, denon artean erreusitu dugu. Hamar bat langile ari dira orain. Arazoa da postariek ez dutela lehen bezainbat gutun banatzen, alta, ibilbide bera egin behar dute. Beraz, haiendako lan osagarriak xerkatu nahi ditugu: hala farmazia nola laborantza inguruko enpresen pusken garraiatzeko. Baigorri ibarreko arazo handietako bat bideko komunikazioa da, trena ez iristea Garazira bezala. Baionatik Garaziraino trena ezarri dute berriz ere. Arrosatik Baigorrira bazen ere lehenago, 2009 urtetik autobusa zebilen. Kendu zuten. Adineko jendeek eta gazteek trena hartu behar badute, Arrosaraino joan behar dute. Beraz, hori konpontzeko, ondoko hilabetetan Banka, Urepele, Aldude eta Baigorrin gaindi ibiliko den autobusa ezarriko dugu martxan.
Laborantza funtsezkoa duzue. Alta, zuena mendiko eskualdea da.
Baigorriko Herri Kontseiluan zazpi laborari ditugu. Laborari gehienek kalitateko mozkinak nahi dituzte erdietsi, ez dute handitu nahi. Orain arte behiak edo ardiak izan dira etxalde tipietako hazkuntza nagusiak, orain mahastiak ere ezarri dira. Laborari etxaldeak galdu badira ere, anitz gazte plantatzen ari da, oraino bada nahikaria. Baina horien laguntzeko komertzioa behar dugu plantatu, horretarako aterabideak atzeman: dela ostatuen laguntzaz dela turismoaren bitartez. Denon artean salbatuko dugu laborantza, eta laborariek ere lagunduko dute beste sektoreak biziarazten. Ez da bertze molderik.
Baigorri herria, Baigorri-Garazi Herri Elkargoan dago. Zer iritzi duzu elkargoaren lanaz?
Nik Urbanismo komisioan lan egin dut. Herri elkargoetan Tokiko Hirigintza Plana (PLU delakoa) lantzen da, baina gurean, 30 herrietatik bakar batek baino ez zuen ahalbide hori. Edozein desmartxa Donapaleutik [Amikuze eskualdean] bideratu behar izan dugu. Komisio horretan ohartu naiz bazela nahikaria Euskal Herri oso gisan pentsatzeko, denen artean biharko Euskal Herriaz aritzeko. Lana eskasa denez, gazte asko egunero joaten da Baigorritik itsasertzeko herrietara. Beste batzuk han gelditzen dira bizitzen. Herri Elkargo bakarraren bitartez gazteek xantza ukan behar lukete hemen aritzeko. Hasteko, Baionara egunero joan-jina egiten dutenen arazoak kontuan hartu behar ditugu. Asteburuan, hiritik mendira aisialdian jiten direnek beren ibilmoldea aldatu behar dute. Guk 80 kilometro bide daukagu entretenitzeko eta ez dugu aise egiten ahal. Herri Elkargo bakarrean ontasunak partekatu beharko genituzke. Badira kontrakoak, fite ari garelakoan, baina nik badut esperantza. Jendeak nahikaria baldin badu, erreusitzen ahal dugu.
Herri Elkargo bakarra aipatu duzu: biztanleriaren erdiak eta herrien erdiak baino gehiagok alde bozkatu dute.
Alabaina, biztanleriak ez du gaia usu aipatzen. Hautetsiek gaiari buruz gehiago mintzatu behar diegu herritarrei. Baigorriko Kontseiluan, iragan larrazkenean, lehen bozketan, 17 alde eta bi kontra izan ziren. Berriz ere bozkatu dugu, eta 17 alde eta bi zuri izan dira. Gutxi aldatu da, baina orain nehor ez da kontra, ezta oposizioko hautetsiak ere, auzapez izandako Lambert barne. Izugarria izan da, Baigorrin aitzina ari gara. Garazi-Baigorri Herri Elkargoko herri denak ez daude alde, baina gehiengoa bai. Gure ibarreko herri guztietan aldeko jarrera nagusi da.
Zer onura ikusten diozu Herri Elkargo bakarrari?
Hasteko, oraingo Herri Elkargoan ez dago manerarik Baigorrin landu nahi dugun herri proiektua plantan ezartzeko. Hain ziur ere, lehen eskasia dirua da. Elkargo bakarrean gauzak ez dira errazak izanen, baina gauzak ez dira makurragoak izaten ahal. Printzipioz, ahalmen gehiago duten herriekin ezkontzea ez da okerragoa. Konparazione, Baionan eta Baigorrin ez ditugu behar berak. Urbanismoan gauzak arras ezberdinak dira. Hirigintzari buruz egin ditugun bilkuretan, Maulen, Hazparnen edo Garazin izan, bakoitzak bere arrangurak agertu ditu, ulergarriak. Zuberoan, konparazione, lanean plantatzeko languneak badaude, baina jendeak ez du han egon nahi. Zerendako? Ez direlako hiriko zerbitzu aski: ez garraio egokirik, ez etxebizitza ukaiteko aukera errazik, ez aisialdirako gunerik. Baigorrin bezala funtsean. Beraz, inteligenteak izan behar dugu eta elkarren beharrak partekatu. Hiriko jendeak nahi badu barnealdera jin asteburuan edo bakantzetan, bide eta zerbitzu onak ezarri behar ditugu, dirua elkarrekin partekatu behar dugu horiek eraikitzeko.
Herriko Etxe handiak zergen aferaz arranguratuta daude. Elkargo bakarraren aurka daudenak, alegia.Normala da.
Proiektua ez da erraza. Alabaina, Nizako Herri Elkargoaren herri tipi bateko auzapez batek haien proiektua eraikitzea nola erreusitu duten erakutsi digu. Hastapenean nehor gutxi omen zen alde, orain aldiz gehiengoa alde dago. Enbeia behar da. Bakoitzak bere jarrera pixka bat moldatzen badu, besteek onar dezakete. Baionako Herriko Etxeak alde egin badu, zergatik ez du Miarritzek egin ahalko. Eman dezagun, Bidart herri tipiak ez du onartu Herri Elkargo bakarra, alabaina, ez du Miarritzetik berezi nahi, haren beharra baitu. Denok denen beharra dugu. Jean-René Etchegarayk eta bere ondokoek erraztu dute bidea. Berak egin duen lanik gabe, Elkargoa ez zen aitzina joanen. Enbeia eta ausardia behar dira.
Eskualdeen arteko oreka behar omen da.
Haatik, ez itsasaldekoek ez barnealdekoek ez diogu elkarri beldurrik ukan behar. Konparazione: laborarien mozkinen sor-markak atxiki nahi baditugu, hirikoek absolutuki lagundu behar digute. Hala berean, Miarritzek Euskal Herria marka baliatzen du turismoa ekarrarazteko, baina laborarien mundua hiltzen bada, Euskal Herriak ez du berezko markarik atxikiko.
Lüküzeko Barthelemy Aguerre eta Armendaritzeko Lucien Delgue auzapezek helegite hierarkikoa ezarri dute Herri Elkargo bakarraren aurka.
Aguerrek haste-hastetik nahi izan du Amikuze eta Bearnoko Salbaterra lotu Elkargo batean. Bere lekua galtzeko beldur dea? Delguek eta Aguerrek ez dute berea ez den bertze proiekturik ontsa kausitzen. Ez dute beren aulkia galdu nahi, naski. Helegite hori ezartzea kontrako politika egiteko manera bat da. Departamendua desagerturik, anitz konpetentzia galduko dira hain ziur. Herri Elkargo bakarra izanik, konpetentziak aldatuko dira. Departamenduko dirua apaldu da azken urteetan. Sistema aldatu behar da eta aldaketek zalantzak sorrarazten dituzte. Aguerrek eta Delguek horren inguruan beldurra zabaltzen dute, beren joko politikoa egiten dute.
Aldiz, Miarritzeko Michel Veunac eta Angeluko Claude Olive auzapezek ez dute bide hori hartu, ezta Irulegiko Jakes Irume auzapezak ere.
Kontra direnek ere Herri Elkargo bakarraren desmartxan parte hartu dute. Batzuk proiektuan ari izanez, ohartu dira elkargo bakarra hoberako baizik ez dela izaten ahal. Elkar ezagutzeak hori erakutsi digu denoi. Nik Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko auzapezekin elkarlanean asko ikasi dut.
Elkargo bakarraren beldur direnek Euskal Herriaren berezko nortasuna azkartzearen beldur dira nonbait. Euskal Herri osoaren barnean irudikatzen dute Iparraldea.
Abertzaleek Euskal Herri bat nahi dutela erran dute betidanik. Azken 40 urteetan ohartu gara, Iruñea ondo-ondoan dugula. Baigorri eskualdea bestealdeari buruz gero eta gehiago emana bizi da. Nafarroaren Egunean zenbat jende biltzen den ikusi besterik ez da. Historia elkarrekin egin dezakegu berriz ere. Muga gaindituz gero harremanak errazagoak izanen dira. Baigorriko azken urteetako historia zaila izan da, baina oraingo gazteak elkarrekiko harreman moldeak aldarazten ari dira, hautetsiak horri buruz ari gara lanean. Ekonomiaren eta kultur ekimenen bidean eguneroko bizimoldea ere aldatuko da, esperantza hori daukat.
Elkargoa ukanik ere, euskara ez da ziurtatua. Zein da euskararen egoera Baigorrin?
Baigorrin beste eskualdeetatik diferentea dela, eta euskara biziago dela erraiten da, baina hemen ere euskara galtzen ari gara. Euskararen egoera ez da erraza. Gurasoengandik euskara ukan dugunok ohartzen gara gure seme-alabek ez dutela berdin ematen. Ez badute mintzatzen emeki-emeki galduko dute. Batzuek euskara gure burua bereizteko dela uste dute, eta juxtu kontrakoa da. Konparazione: kanpotik heldu den anitz jenderen nahikaria euskara ikastea da. Haientzat euskara aberastasun izugarria da.
Herriko Etxeko funtzionamenduan edota Herri Kontseiluan euskarak badu tokirik?
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eskaini zuen kontratua onartu zuen Herriko Etxeak. Langileek ere onartu dute nolabait, alta, bakoitzak bere hautu egin du. Batzuk euskarazko kurtsoetan hasi dira. Eni, hasteko, nahikari horrek plazera eman dit. Idazkaritzan batek baino ez du euskara arduraz hartu. Egia erran, EEPren plangintzan ez dugu arras parte hartzen. Bilkuretan ez dugu euskaraz egiten, ezta gutxiagorik ere. Euskaraz hasita ere, frantsesera lerratzen gara. Nik Kontseiluko kideen arteko e-mailetan hitz batzuk euskaraz sartzen ditut. Uf! Ez da aise.
Etxauzia Jauregia erosteko proiektua nola doa?
Urte bat dugu lehen xedea bururatzeko. Jabeek urrirako arrapostua ukan nahi lukete. Baiezkoa emateko xantza ukanen dugun? Ez da errana, ezta nagusiek bertze erosleren bat ukan ez dezaketenik ere. Proiektua erreusitzen badugu, horrek erakutsiko du Baigorri zerbait handiaren bila abiatu dela. Baigorriar generazio anitz joan dira Jauregi hori herriarendako bildu nahiz, baina ez dute lortu. Oraingoak erdietsiko balu abiapuntu ederra liteke. Etxauzia kudeatzen duen elkarteak euskararen aldeko proiektua bere gain hartu nahi luke. Diasporari begirako proiektua izan liteke, euskaldun ororena, geure familiaren xerka joateko, kanpoari eta barneari begiratzeko, egin ahalaz euskaraz mintzatzeko. Baigorrin, zorionez, harremanak aldatzen ari dira, euskara orain ez da politika afera. Nehor ez da euskararen kontra, ez gaude duela bi urte ginen bezala.
Beraz, Jean-Michel Coscarat auzapeza izatea hautu ona izan da.
Auzapez izendatua izan nintzelarik, batzuek "tronpatu gaituzu, abertzalea zara, baina ez duzu zure zerrenda hala presentatu", erran zidaten. Erran nien ez dakidala zer den abertzalea izatea edo ez izatea. Gauza frankoari buruz, zerendako ez erran, hala naiz, gure kultura eta hizkuntza atxikitzeko hala naiz. Baigorriar anitzek abertzale izatea gauza itsusia bezala ikusi izan dute, orain hori aldatzen ari da nolabait. Nik Betti Bidart kontseilaria laudatzen dut, izugarria da berak egiten duen lana. Herriko Etxeko langileek eta herritarrek Bidartek egindako lana zinez preziatzen dute, herriarendako abantailak baino ez ditu ekarri. Funtsean, abertzale baten lana da. | news |
argia-c4105d777462 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/oharkabean-hemen-dugu-ttipen-klona.html | Oharkabean, hemen dugu TTIPen klona | Unai Brea | 2016-05-29 00:00:00 | Oharkabean, hemen dugu TTIPen klona
Greenpeacek zabaldutako ezkutuko agiriei esker, badirudi AEBen eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko hitzarmenak (TTIP) lortu duela, azkenik, txoko bat iritzi publikoan, txoko txikia bada ere. Are arreta urriagoa bereganatzen ari da Kanadak eta Europak honezkero sinatuta –baina oraindik onartzeke– duten molde bereko akordioa: CETA. Datozen hilabeteotan hasiko da EBn berreste prozesua; haren aurkarien esanetan, dakartzan mehatxuak TTIPen berdin-berdinak dira.
"CETA aurrera aterako balitz, alferrikakoa izango litzateke TTIP geldiaraztea". Florent Marcellesi europar legebiltzarkideak Eldiario.es agerkarian idatzitako artikulu batetik hartu ditugu hitzak, baina ñabardurak ñabardura haiekin bat etorriko da merkataritza askeko akordioen mehatxuez sentiberatasun amiñi bat duen edonor.
Sentiberatasun horren talaiatik ikusita, TTIP baino arriskutsuagoa deritzo Marcellesik haren baliokide kanadar-europarrari. Arrazoi nagusia kronologikoa da: CETAren negoziazio fasea amaituta dago –2014an sinatu zuten akordioa bi aldeek–, eta berrestea baino ez da falta. Ia segurtasun osoz, ekainean zehaztuko da berrespen prozesua nolakoa izango den, eta udazkenean ekingo zaio.
"CETAk oso mobilizazio gutxi eragin du gurean, eta eragin duena TTIPi lotutakoa izan da; bestela guztiz oharkabean igaroko zatekeen", dio Jose Ramon Mariñok, Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainako eledunetako batek. Nabarmendu duenez, bi hitzarmenen ondorioak berdinak dira. Ez bakarrik oso antzekoak izango direlako –TTIPez dakigunetik hala ondorioztatu daiteke–, baizik eta funtsean Kanadako eta AEBetako ekonomiak oso lotuta daudelako. "Munduan barna mugitzen diren AEBetako enpresa guztiek dituzte ordezkaritzak edo adarrak Kanadan", diosku Mariñok. Zertan eragingo du horrek zehazki?
AEBetako transnazionalentzako atea
TTIPek aurreikusten duen mekanismoetako bat inbertsiogile eta estatuen arteko ebazpen-auzitegiak dira. Mota horretako auzitegiak aspalditik daude txertatuta nazioarteko merkataritzaren zuzenbidean, eta EBk sinatuta dituen hainbat akordioren barruan ere badaude, baina ez dute ia polemikarik eragin TTIPen aurkako erantzun soziala piztu arte. Oro har, ingelesezko ISDS siglekin izendatzen dira.
ISDSen bitartez, atzerriko konpainia batek estatu edo eskualde baten kontrako salaketa jar dezake, hark onartutako legediak kalte egin diola –irabaziak gutxitzea izan daiteke kalte bat– uste badu. Auzitegi horiek emandako epaiak direla-eta, zenbait estatuk milaka milioi euro –edo dolar– ordaindu behar izan dizkiete honezkero enpresa transnazionalei, ingurumena edota kontsumitzaileen osasuna babesteko arauak onartzeagatik.
ISDSek sortutako desadostasuna ikusita –ez jendarte zibilean bakarrik, baita TTIPen alde dauden zenbait indar politiko esanguratsutan ere–, Europako Batzordeak beste mota bateko auzitegia proposatu zuen 2015ean, eta ustez hori ari da defendatzen TTIPen negoziazio mahaian. Auzitegi berri horiek ICS izena dute, eta merkataritza askeko akordioen aurkarien esanetan, funtsean ez dute desberdintasun azpimarragarririk ISDSen aldean, berdin ematen baitiete aukera konpainiei, gobernuek onartutako legedien aurka jotzeko.
ICSen figura sortu zenerako CETAren testua onartuta eta sinatuta zegoen, ISDSak barne, baina Europako Batzordeak Ottawari hitzarmenaren errebisioa eskatu eta hark onetsita ICSek hartu zuten ISDSen lekua. Bata zein bestea, ondorioa da Kanadan adar bat duen edozein estatubatuar enpresak –eta ia denek dute, ikusi dugunez– atea zabalik izango duela europar araudiagatik kalte-ordainak eskatzeko, TTIP onartzeko zain egon gabe.
Nork berretsi behar du CETA?
Otsailetik, CETA itzulpen prozesuan dago. Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan bertsio bana behar da, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Oso hizkera konplexuko testua izanik, ezin zaio zirrikiturik estuena ere utzi interpretazio askeari. Horregatik, ekainera arte luzatuko da itzulpen lana. Ondoren finkatuko dira hitzarmena berresteko prozedura eta egutegia.
Europako Kontseiluari dagokio berrespenaren subjektua nor den erabakitzea; Batasuneko merkataritza ministroei, zehazki. Europar araudiaren arabera, merkataritza hitzarmen arruntak Europak Batzordearen eskumen esklusiboa dira, baina mistoak badira, hau da, estatuen burujabetzari dagokien arloetan eragina izan badezakete, estatu guzti-guztiek onetsi beharko dute. Zalantza gutxi dago bai CETA bai TTIP mistoak direla, baina itxura denez interpretaziorako ate bat zabaldu nahi dute akordiook indarrean ikusi nahi dituztenek.
"Larriena ez da hori", azaldu digu Jose Ramon Mariñok, "larriena da Kontseiluak behin-behineko onarpena egitea erabaki dezakeela, hots, CETA indarrean sar liteke Europako Parlamentuak dioenaren zain egon gabe ere". Gerora Parlamentuak hitzarmena onartuko ez balu, ordurako inbertsio bat abiatutako konpainiek aukera eduki lezakete ICSen bitartez salaketak ipintzeko. Edozelan, nahikoa argi dago Eurolegebiltzarrak CETA berretsiko duela, eta estatuen aldetik ere aurkako jarrerarik ez da espero. Zalantza txikiak egon daitezke, arrazoi desberdinengatik, zenbait estatuk izango duten jarreraz, baina oraingoz bederen Europako Batzordean inor ez da loa galtzen ari horregatik. | news |
argia-f0b601b8b54b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/liburua.html | Oso gauza serioa | Aritz Galarraga | 2016-05-29 00:00:00 | Oso gauza serioa
Baina ren belaunaldiaz ari dela, hauxe dio Beñat Sarasolak: "Ez zuten inolako beldurrik edo lotsarik nahi zutena idazteko". Orain ez bezala, kontsentsu denen aurrean baina k jartzeko prest zeudela, alegia. "Askatasun handia sumatzen dut testu haietan. Nahi dutenaz idazten dute, eta nahi duten tonuan". Ubera hori hartuta esango nuke dagoela idatzita Kadrila alegera festan da. Delako balazta, miramendu, errespeturik gabea. Guztiz askea. Eta aipatuko dugu, bistan da, egilea. Baina, liburuan bertan ohartarazten zaigun gisan, "ez galda nor den errailea, baina errana har ongi gogoan".
Errana, beraz, zertan den: "Kadrila alegerak egun hautan egin gogoeta zoin burutazio". Hizkera samurragora ekarriz: broma handi bat. Biltzen direlako Tartas, Gazteluzar, Harizmendi eta abarrekoak, Bertrand de Etxauz apezpikua bera. Kadrila osoa, alegia –edo ia: "Aita Larramendi ez zen izan gonbidatua"–. Eta biltzen direlako orriotan ustez horiek guztiek idatzitako permisioniak, irakhurtzaileari oharrak, ipuin, poema, sermoi, berriketa eta abarrekoak. Denak ere aski falozentrikoak –ez bakarrik irudiak; eder askoak horietarik gehienak–. Batzu-batzuk puskaz androzentrikoak: "Jinkoaren semiak, jujamendu emanen du faborable senarraren alde, emaztiaren kontra". Emakumea, alegia, ez dela Etxepareren Emazteen fabore hartakoa bezalakoa: "Gizona eta emaztekia gudukan, liskarran, disputan, erreiertan bizi dira, gizona sortuz gero mundu hontan". Baina, alea bihitik bereizita –"ene izkiributarik azal eta kanpoko den oro, bazter eginik soizu barrenagorat"–, liburua da benetan barre emangarria. Mongongo Dassantza agertzen da, esaterako, "enitxetan ekhartzen duela bere belhar eta onddo hautuenetarik". Auskalo orriok ere izan diren horien eraginpean idatziak.
Ikusirik nor den izkribatzailea (Jusef Urruty-Borde), nor den irudigilea (Enry Kapondes Spondanus), ez da erabat okerra ondorioztatzea liburuaren egilea dela Jose Enrike Urrutia Capeau. Edo egile nagusia, liburuan zehar agertzen baita, marrazkitua behintzat, kadrila bera. Ez zehazki Bainaren belaunaldikoa –nahiz Pott taldearen bueltan ibili zen, adibidez, Capeau–, baina bai akaso garaiaren izpiritua arnasten duena. Liburua 1979an argitaratu omen zen, nahiz hemen darabilgun bertsioa den 1988koa. Idazle partikularra Capeau. Haren idazkera du seinale. "Idazteko zaletasuna hizkuntzatik etorri zait, ez neurri berean literaturatik beretik". "Neuk ere nahi dut Borgesek bezala egin...", ez. "Nire kasuan hizkuntza izan da. Han eta hemen ikasitako moldeak nahastea-eta. Jolas hori". Jolasa, beraz. Broma handi bat, esana dugu. Eta broma handi guztiak bezala, oso gauza serioa. | news |
argia-17a01da61261 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/claude-vaillancourt-attac-quebec-elkarteko-presidentea.html | "Zerbitzuen pribatizazioari irekitzen dio bidea CETAk" | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-05-29 00:00:00 | "Zerbitzuen pribatizazioari irekitzen dio bidea CETAk"
Badu hogei urte pasa merkataritza askeen aldeko akordioak izenpetzen dabilela Kanada, eta Vaillancourtek dioenez, herritarrek amore emanik, Ekonomia eta Merkataritza Hitzarmen Osoaren (CETA) aurkako mobilizazioa ez dabil azkar. Alta, ondorio konkretu latzak pairatzen dabiltza merkataritza logika horren ondorioz. CETAk ekarriko luke merkatu publikoek ateak konkurrentziari irekitzea. Hor du kaltearen itzala ikusten. Akordio horrek herrien eta herritarren botere galtzea dakar, multinazionalen onuran.
Merkataritza trukaketak erraztu eta ekonomia bultzatuko duela diote akordioaren aldekoek.
Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkatuak oso irekiak dira; aduana zergak oso apalak izanki, errazki egin daitezke trukaketak. Preziozkoak ez diren hesiak dituzte traban merkataritza askeen aldekoek, hots, herritarrak babesteko finkaturiko neurriak. Mugatze edota kontrol horiek dituzte jomugan.
Aduana zerga nahiko altuak dituen sektore bakarrenetakoa da laborantza. Babes horren bukaera ere badakar akordioak.
Herri batek bere laborantza babestu ahal izateko dira aduana zergak finkaturik. Maleruski, prezioen bidezko hesi horien kentzea ohikoa da merkataritza askeen aldeko akordioetan. Idi eta zerri ekoizle potoloen alde doa erabakia. Bertako agro-industriakoek esportatzen ahalko dutela aurreikusten du Kanadak, baina ez zaie erraza izanen, europar araubideak zorrotzagoak direlako. CETAk ez du ezer onik ekarriko: esportazioan oinarrituriko agro-industriaren sustapena dakar, eta gainera, trabak jartzen dizkiete kalitatezko ekoizpenean dabiltzan laborari txikiei.
Gobernu federalak ez ezik, probintziek ere parte hartu dute negoziaketetan.
Merkatu publikoak ireki nahi izan dituzte akordio honekin. Gobernu federalak, probintziek zein herriek egindako eskaintza deialdiei erantzuten ahalko diete Europako konpainiek ere. Horretarako probintzien oniritzia beharrezkoa ukanki, negoziaketetara gomitatu zituzten; baina dena dela, Kanadako Gobernuak du azken hitza.
Merkatu publikoen irekitzea ez da ondoriorik gabekoa izanen.
CETAren alde larrienetarikoa da merkatu publikoen irekitze hori. Tokiko ekonomia edota garapena bultzatzeko erabili ohi dituzte instituzioek merkatu publikoak. CETArekin ordea, lehiakorrak diren multinazional handiek dituzte eskaintza deialdi gehienak eskuratuko. Gobernuen kontrola galtzea dakar akordioak.
Nekez iraunen dute tokiko enpresa txikiek.
Tokiko enpresa txikiaren eta multinazional erraldoiaren artean argi da zeinek duen merkatua lortuko. Hautu horrek ondorioak ukan ditzake eskainitakoaren kalitatean, baina inbertsioetan ere bai, tokiko konpainiek askoz gehiago inbertitzen dutelako tokiko ekonomian. Atzerriko enpresek obratu bai, baina egindako etekinak atzerrira joango dira berdin-berdin.
Diskriminazio ezaren printzipioa dela eta, bertakoa lehenestea ezinezkoa izango zaie erakunde publikoei.
Zenbateko zehatz batez goragoko merkatu publikoak dira nazioarteko konkurrentziari ireki beharko; baina azken finean, gehienak dira irekiak izanen, zenbateko hori nahiko apala izanki. Diskriminazio ezaren printzipioaren izenean ezingo da tokiko enplegurik edota ingurumen-praktika berezirik lehenetsi. Proposamen merkeena eginen duenak du merkatua lortuko.
"CETArekin, lehiakorrak diren multinazional handiek dituzte eskaintza deialdi gehienak eskuratuko. Gobernuen kontrola galtzea dakar akordioak"
Elektrizitate zerbitzua publikoa duzue Quebecen. Sektorearen pribatizazioaz beldur ote zara?
Hydro-Quebec konpainia publikoaren zati bat konkurrentziari irekiko dio CETAk. Zirrikitu bat da zerbitzuaren sail batzuen irekitze hori, eskaintza deialdien biderkatze arriskua hor dagoelako. Puskaka etor litekeen zerbitzuen pribatizazioari irekitzen dio bidea akordioak.
Uraren zerbitzua akordiotik kanpo gelditu omen da.
Akordiotik baztertua omen da uraren kudeaketa. Baina, hiri batek erabakitzen badu kudeaketa publikoa uztea eta eskaintza dei bat egitea, inolako trabarik gabe egiten ahalko du.
Enpresek gobernuak auziperatzen ahalko dituzte, konkurrentzia trabatzea leporaturik.
Inbertsiogile eta Estatuen arteko desadostasunen konponbiderako mekanismoa deitzen zaio horri. Oso-oso larria da.
Gehien gaitzetsiriko aspektua da, batez ere Europan, baina hemen ere bai. Etekinak egiteko bidean oztopo baldin badu, enpresak erakunde publikoa auziperatzen ahalko du. Aurreikusiriko etekinentzat ere balioko du, hau da, proiektu bat egiteak ekarriko lukeen etekinei begiraturik, auzitegi horien bidez kalte-ordainak exijitzen ahalko dituzte. Mekanismo horri esker, araubideetan esku hartzen ahalko dute enpresek. Lobbygintza tresna indartsu bat ere izango da, lege ala araubide bat prestatzerakoan mehatxatzen ahalko dituztelako.
Ipar Amerikako Merkataritza Askerako Elkartea (NAFTA) akordioak ere ahalbidetzen du mekanismo hori. Behin baino gehiagotan erabili izan dute.
Bi etsenplu gertatu berri ditugu. Batetik, Quebeceko Gobernuari 250 milioi dolarreko kalte ordaina exijitzen dio Lone Pine Resources estatubatuar konpainiak, moratoria baten ondorioz petrolio ez-konbentzionala ustiatzea debekatua zaielako San Laurendi ibaian. Bestetik, Transcanada kanadar konpainiak 15.000 milioi dolar eskatzen dizkio AEBetako Gobernuari, KeystoneXL oliobidearen eraikuntza debekatzeko erabakia hartu zuelako. Alta, bi erabaki politiko horiek demokratikoki hartu zituzten, herri mugimendu baten ondorioz, ingurumenerako kaltegarri zirelako.
"Diskriminazio ezaren printzipioaren izenean ezingo da tokiko enplegurik edota ingurumen-praktika berezirik ezarri. Proposamen merkeena eginen duenak du merkatua lortuko"
Kanadan petrolioaren ustiapena gehiegizkoa eta konpainien lobbya ere ikaragarria da. Arlo horretan dira mehatxu gehienak egongo.
Hori horrela da, bai. Haatik, mekanismo hori erreformatzea lortu dugu eta normalki ez ditu ingurumenari buruzko jaukimenduak hunkiko. Aitzinamendu bat da, baina oso eszeptiko gelditzen gara, jaukimendu bat modu anitzetara adieraz daitekeelako eta ingurumena zuzenki eta zehazki jomugan baldin bada ere, jukutrien bidez jaukimenduan saihesten ahalko dutelako.
Kultura akordiotik at geldituko dea?
UNESCOren kulturaren aniztasunaren aldeko hitzarmenari segi, kultura akordiotik ateratzea eskatua izan zen. Alta, kultura negoziatu dute, negoziaketen parte egon da eta kapituluz kapitulu saihestu nahi izan dute. Egin-molde horri begira bi ikuspuntu daude: batzuek diote egin beharrekoa egin dela eta kultura ongi babesturik dela, eta beste batzuek, aldiz, ez dela hain ongi babesturik, baztertze sistema hori arriskutsua izan daitekeelako eta negoziatzaileen jokoan sartu garelako, hitzarmenaren izpiritua errespetatu gabe.
Zuk zer diozu?
Nire eta Attac-Quebec erakundearen ustez, kultura ez da behar zukeen heinean babestu eta arriskua hor dago. Negoziaketetatik kanpo gelditu behar zuen.
Merkataritza askeen aldeko beste akordio bat izenpetzekotan da, beraz, Kanada. 1994an izenpetu zuen NAFTA, AEB eta Mexikorekin. Inoiz ez dute akordioaren balorapenik egin.
Balorapen ofizialik ez da egon. Benetako azterketa neutro eta globalik egin gabe, beste akordio batean abiatu izana deitoratzen diogu Kanadari.
Zein da zuen balorapena?
Aurreikusiriko emaitzak ez dira agertu. NAFTAk manufakturaren sektorea ahultzea ekarri digu. Baliabide naturalak esportatzen gabiltza, baina manufakturak baino enplegu gutxiago dakartza sektore horrek. Gainera, aldakortasun ekonomiko handia dakar, baliabide naturalen trukaneurriak erabat kanbiakorrak direlako. Ekonomikoki ahuldu gaitu NAFTAk. Izugarrizko ondorio txarrak eragin ditu Mexikoko laborarien artean ere. AEBetako artoen esportazioa dela-eta, sekulako sarraskia eragin du hango laborantzan. Erran gabe doa inbertsiogile eta estatuen arteko desadostasunen konponbiderako mekanismoa arazo larri bat dela.
Sustatzaileen argumentuari so eginda, merkataritza trukaketak emendatu al ditu NAFTAk?
Bai, emendatu dira. Baina 1994az geroztik AEB mundu mailako kontsumitzaile bilakatu da, eta merkataritza askeen aldeko akordiorik izenpetu gabe ere, AEBetara egin esportazioak anitz emendatu dira herri anitzentzat. Beraz, lasterbide eztabaidagarria iruditzen zait erratea gure esportazioak NAFTAri esker emendatu direla. Helbide errazago bat ukaiteko asmoz zuen Kanadak akordioa izenpetu, baina ohartzen gara, proportzionalki, helbide hobea genuela akordioa izenpetu aitzin.
Nolaz?
Txinak eta beste herri esportatzaile batzuek kopuru alimalean esportatzen dituztelako produktu merkeak. Ezin dugunez horrelakorik egin, ez ditugu gehiago produktu horiek hainbeste ekoizten.
Ondorio sozialak ere ukango zituen NAFTAk.
Langabezia-aseguruaren hiru erreforma gertatu ziren NAFTArekin batera. Nahiz eta loturarik ez dela zehaztu gobernuak, zalantzak ditut. Arrazoi-ondorio lotura begi-bistakoa izan ez arren, erran dezakegu laguntza sozialak ahulduz joan direla eta AEBetako geriza sistemara hurbildu garela.
Zertan da CETAren aurkako mobilizazioa?
Atsekabetzen nau, Europan askoz gehiago sendi da. Herritarrak sentsibilizatzeko zailtasunak ditugu, badirudi amore eman genuela eta merkataritza askea onarturik dugula.
NAFTAren negoziaketen garaian azkarragoa izan zen?
Bai, baina hogei urte pasa dira geroztik. Garaian eztabaida publiko bat egon zen, alderdi politikoen aurkakotasuna azkarragoa zen. Gaur egun ia alderdi guztiak dira edo alde edo neutro. Quebec Solidaire eta PV Kanadako Alderdi Berdea izan ezik, inor ez da aurka mintzo. Arazoa da bi alderdi horiek aulki gutxi dituztela Parlamentuan. | news |
argia-22e65f7eeab1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/lorpen-baten-gazi-gozoa.html | Lorpen baten gazi-gozoa | Bixente Serrano Izko | 2016-05-29 00:00:00 | Lorpen baten gazi-gozoa
Bipartidismoaren bizkarrezurra apurtzeko jaio eta jada apurturik zegoen lekuetan baizik ez lortu. Lorpen baten gazi-gozoa: alegia, espainiar nazionalismoak jende gehiagori nazka ematen dioneko lurralde periferikoetan baizik ez lortu izana. Izan ere, espainiar nazionalismoak elikatu duen bipartidismoak (eta viceversa ) ahulago bai, baina tente jarraitu du. Gainditzeke du proba hori, oraindik, 2011ko M15en uberan jaio eta 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri hark.
Kontuan hartzekoa da, interesgarri eta eskertzekoa, Gorka Bereziartuak aldizkari honen 2016/05/15eko zenbakian dioena izaki berri politiko horren lorpenaz, EAEri dagokionez (Euskal Herria aipatzen du Bereziartuak, baina azterketa EAEtik bakarrik begiraturik agertu zait niri). Nik bertze hari batetik tiraka azaldu nahi dut, labur-zurrean, fenomeno horri buruzko hausnarrean, Gorkarenaren osagarri: hau da, espainiar nazionalismoaz bertzelako nazionalismoek gainditzeke duten erronkaz.
Hego Euskal Herrian (bereziki argiago Nafarroan) badago masa bat, zeinarentzat autonomia kontuak kontu
espainiar bat baitira
Frankismoa ofizialki desagertu zenetik hona, fenomeno ezaguna da hauteskunde emaitzetan: nazio "periferikoetako" emaitza desberdinak, zer-nolako hauteskundeak diren; nabarmenago edo apalago, joera bat ikusi izan da hauteskunde deialdi guztietan: estatu obedientziazko indarrek boto gehiago lortu ohi dute hauteskunde orokorretan, eremu autonomikoetako hauteskundeetan baino (horietan ere indar bozkatuenak beti ez izanik). Zerbait adierazten du horrek, Hego Euskal Herrian (bereziki argiago Nafarroan) ere: badagoela masa bat, zeinarentzat autonomia kontuak kontu espainiar bat baitira. Erran nahi baita, masa bat, lasai asko uste duena estatu eremuko gobernagarritasuna estatu eremuko indar politikoei dagokien kontua dela, nahiz eta onartu etxe-eremuko (nazio edo erkidego autonomoetako) indar politikoei dagokiela etxeko kudeaketa. Arrunt bezain bitxia: hauteskunde autonomikoak kontu lokalak izanen bailiran, udal hauteskundeen mailakoak, hor nonbait.
Mentalitate horrek elikatu du estatu eremuko bipartidismoa gure eremuetatik ere, lagungarri izan zaio espainiar nazionalismoak elikaturiko bipartidismo "naturalari". Eta nekez bai nekez lortuko da bipartidismo horri bizkarrezurra apurtzea estatu eremuan mailua PSOEk izan artean, eta bereziki eremu "periferikoetako" indarrak gihartsu agertu ezean, "sorpasoa" eta guzti.
Bipartidismoa kontserbadore (orain artekoa) edo irekiagoa izan, nola ez oparitu indar "periferikoek" txeke zuri bat espainiar eremukoei, hauxe gainditzeke dugun ikasgaia. Nabarmenago utzi digutena 2015eko A20an koskortu egin zen izaki politiko berri horren lorpenek gurean eta haren porrotak Espainian. | news |
argia-8d1c90132066 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/ping-pongean-egin-nahi-eta-erromatar-villa-topatu.html | Ping-pongean egin nahi eta erromatar villa topatu | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-05-29 00:00:00 | Ping-pongean egin nahi eta erromatar villa topatu
Wiltshireko (Ingalaterra) familia batek aletegi zaharrean elektrizitatea instalatzea erabaki zuen berriki, seme-alabek ping-pongean aritzeko argia izan zezaten. Irwindarrek kableak lur azpitik igarotzea nahi zuten, eta asmo horrekin lorategia hondeatzen hasi zirenean, elektrikariek mosaiko batekin egin zuten topo ezustean.
Ondoren, Historic England erakundeko eta Salisburyko Museoko arkeologoek baieztatu zuten mosaikoa K.o. 175 eta 220 urteen artean eraikitako erromatar villa handi baten parte dela (ezkerrean, villaren irudikapena). Aurkikuntzak garrantzi berezia dauka, mende hauetan guztietan nekazaritzak ez baitu arrastoetan kalterik eragin. | news |
argia-2cf4fa09225f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/ekintzaile-izan-nahiari-buruz.html | Ekintzaile izan nahiari buruz | Irati Elorrieta | 2016-05-29 00:00:00 | Ekintzaile izan nahiari buruz
Irakurketa ekintza aktiboa omen da eta ez dut kontrakoa argudiatuko. Irakurtzea beste aktibitate mota batzuetarako traba ere izan daiteke ordea. Irakurtzeak xurrupatzen digun denbora, energia eta emozioak ez baititugu beste zerbaitetan ematen. Orain arte, ez dut ezertxo ere idatzi ahal izan errefuxiatuen krisia delakoaz, errefuxiatuena baino askoz gehiago den krisiaz. Ez dut ezer idatzi, eta okerragoa dena, ez dut inolako laguntzarik eskaini (neguko arropak emateaz gain, baina minimorik minimoena besterik ez da hori). Irakurri, ia ez dut beste ezertaz irakurtzen.
Berlinen bizi naiz eta, testuinguru honetan, ohar honek badu garrantzia. Beren bizitokia utzita ihes egin duen milaka eta milaka pertsona heldu baita hona azken hilabeteetan. Hiri berean bizi gara. Are gehiago, ez badira erabaki katastrofikoki txarrak hartzen, hiri berean bizitzen jarraituko dugula espero dut. Askok telebistan edo bestelako pantailetan ikusiko zenituzten irudiak bertatik bertara ikusi ditugu hemen: iazko udazken eta neguan, izena eman eta asilo eskaerak egiteko egoitza nagusiaren ondoko karpetan zain zegoen jendetza. Bolada batez, egunero pasa behar nuen handik eta bularraldean trabeska geratu zitzaizkidan begiradak, irribarreak, ibilerak. Hotzarekin batera sartu zitzaidan ezinegona gorputzean. Egunerokotasuna eta harekin lotutako kezkak alboz uztea lortzen dudanean, nire gorputza sentitzea lortzen dudanean, ezinegonak hortxe estu jarraitzen duela ohartzen naiz.
Larritasun sentimendu horri irteten laguntzeko, badakit zerbait egin behar dudala. Ez baita bere kabuz desagertuko. Kontrara, haziz eta haziz doa. Egoerak ez badu onera egiten, zergatik egin beharko luke onera larriminak? Gure etxetik kilometro bateko radioan hiru aterpetxe daude, bakoitza 200 bat biztanlerekin. Prentsan irakurtzen dudana oso zail da ulertzen, irudikatzen, prozesatzen. Baina etxetik hamar minutura dudana konkretua da: asilo eskaera egin eta itxaroten dagoen jendea.
Aterpetxearen aurrean egoten dira batzuk zigarroak erretzen, telefonoz hitz egiten, xakean jokatzen. Paperak egiten ez diet lagunduko, ez baitut burokrazia alemaniarraren munstroa menperatzen ikasi. Baina badaude hainbat eta hainbat aukera, norberaren gaitasunetara moldatuak, ez? (Batzuei kosta egiten zaigu horri ere erantzutea: "Zertarako naiz gai?"). Gure lagun bat ostiraletan gaztetxoekin eskalatzera joaten da. Ez dakit zenbat irakurriko duen, baina ateratzen ditu astean pare bat ordu bere inguruan gertatzen ari denarekin inplikatzeko. Batzuk ekintzara pasatzen dira horren beharra dagoenean; eta beste batzuk tragediaz irakurtze hutsarekin itotzen gara.
Pertsonen migrazio mugimendu erraldoi honi alde askotatik begiratu eta heldu beharko zaio. Baina herritar arrunt bezala, gauza bakarra egin dezaket: hemen babesa eskatzen dutenei ongietorria adierazteko nire modua aurkitzea. Buru barruan soilik ditugun ideia edo jarrerek ez baitute benetako ondoriorik. Tamalez, buruan darabilgunaren eta gure ekintzen –edo ekintza ezaren– arteko diskordantziarekin bizi gara nahi baino gehiagotan. Hitza ematen dut: ez dut berriro gai honetaz idatziko ekintzara pasatzen ez naizen bitartean. Gutxiago irakurri eta zerbait konkretua egiten hasten naizen egunean, kontatuko dizuet. | news |
argia-56bf877835f0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/ezker-abertzalea-berpentsatzen.html | Ezker abertzalea berpentsatzen | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2016-05-29 00:00:00 | Ezker abertzalea berpentsatzen
Gogoeta garaiak bizi ditugu Euskal Herriko panorama politikoan. Ezker Abertzalea bere burua berpentsatzeko prozesu ugaritan sartuta dago. Horrez gain, hainbat herri mugimendu aurrera begira egin beharreko bidea oinarritik planteatzen ari dira, barneko botere harremanak aztertzen eta antolaketa ereduak aldatzen.
Kide gazteak pixkanaka protagonismoa irabazten ari dira, baina zeri ematen diote garrantzia hauek? Zerk mugitzen ditu politikan? Zein dira erronkak beren ustez? Zein gaik kezkatzen ditu?
Elkarrizketatuetako batek mahai gainean ongi jarri bezala, "ezker abertzalea" terminoak ere gaizki-ulertuak eragin ditzake, bi errealitate ezberdin izendatzeko erabiltzen baita. Batetik, Ezker Abertzalea hiru antolakunderekin (Sortu, LAB, Ernai) osatutako egitura bat da, eta honi erreferentzia egitean maiuskulaz idatziko dugu; bestetik, egitura horretatik harago, zabalagoa den mugimendu ezkertiar eta abertzalea izendatzeko ere erabiltzen da. Kasu honetan letra xehez idatziko dugu.
Erreportajea bigarren ulerkera honetatik planteatu dugu. Beren burua ezker abertzaleko kide gisa identifikatzen duten Euskal Herri zabaleko hamaika kideren gogoetak jaso ditugu: Amaia Agirretxe, Kimetz Arana, Elorri Arin, Jone Etxeberria, Izar Mendiguren, Aiora Mujika, Ortzi Murua, Markel Ormazabal, Endika Perez, Irati Sienra eta Amaia Zufia. Bakoitzarekin ordubetez aurrez aurre egindako elkarrizketak abiapuntu hartuta osatu dugu erreportajea. Ez da noski gazteriaren argazki oso bat, baina egungo egoera ulertzeko gako batzuk, galdera berriak eta aurrera egiteko proposamenak topatuko ditu irakurleak.
Nola egin iraultza XXI. mendean?
"Oso desmobilizatuta ikusten dut egoera, Euskal Herrian dugun borroka tradizioa izateko oso hotz". Irati Sienraren hitzak dira (1990, Deustu). 15-16 urterekin hasi zen ikasle mugimenduan. Militantzia gehiena gazte antolakundean eta mugimendu feministan egin du, eta egun Ernaiko kidea da. "Batetik, gatazka politikoaren erroetara joateko aukera eta bestetik ikaragarrizko ofentsiba neoliberala bizi dugun garaiotan, beste herri batzuei begira gaudela sentitzen dut, Katalunia, Eskozia, Grezia edo Latinoamerika kasu, gu ia ezer egiten jarri gabe".
"Jendeak ez du ezker abertzalea bertan antolatzeko alternatiba bat bezala ikusten". Sienraren aburuz, eragileek 80ko hamarkadako antolaketekin jarraitzen dute, beren jardun nagusia bileretan edo espazio txikietan eginez, eta gauza asko egiten ari diren sentsazioa izan dezaketen arren, kalean ezer gutxi egiten ari direla uste du.
Irati Sienra deustuarra Ernaiko kidea da, azken urteetan feminismoaren eraginez aldaketa ikusi du ezker abertzalean, batez ere diskurtsiboa.
Abian prozesuarekin berriz sartu da Sortun Elorri Arin. 1991n Baionan sortua, Donibane Lohitzunen bizi da. 15 urterekin hasi zen Segin, eta geroztik hainbat herri mugimendutan ere ibilia da: Altxa Neskatxa, gaztetxea, EHZ eta Joxemi Zumalabe Fundazioa besteak beste. Borroka armatuarekiko estrategia aldaketa egin zenean, desadostasunak medio kide batzuek militantzia utzi zutela gogoratzen du. "Abian prozesua, bere hutsuneak hutsune, arnaste berri bat iruditu zait".
Jendearen pasibitatea du kezka nagusi. Garai batean gehiago erreakzionatzen zela iruditzen zaio. "Erasoen aurrean atxematen dut indibidualtasunean sartuta gaudela, ez dela bortxaz erreakzionatzen. Etorkinekin gertatzen ari den guztiaren aurrean, adibide bat jartzearren, hemen ez da ezer gertatzen ari".
"Euskal Herria orokorrean lasaitu otzan batean ikusten dut". Endika Perez (1988, Larrabetzu) 14-15 urterekin hasi zen gazte asanbladan eta gaztetxean, ondoren Ikasle Abertzaleaken eta ondoren Segin. Egun Ernaiko kidea da. Iruditzen zaio Zutik Euskal Herriarekin estrategia moldeetan bakarrik aldatu zela, baina diskurtsoan, antolaketa ereduan eta kultura politikoan ezker abertzaleak ez zuela bere burua egokitu aldaketa horri aurre egiteko. Aukera berriak sortu ditu, baina gatazka bisibilizatzeari uzteko arriskua ikusten du Perezek.
"Gatazka politikoa desitxuratuta dago, orain badirudi ETAren jardunean kokatzen zela gatazka. Ez gara pultsu politikoa mantentzeko gai izan, gatazka beste molde batzuetan kokatzeko, konfrontazio politikoa indarrean mantentzeko". Batzuetan etsaiaren arabera pausoak ematen ibili dela iruditzen zaio Perezi. Lehen urteetan aldaketa ezartzeko eta atzera bueltarik ez emateko zentzua izan zezaketen hainbat ekimenek bere ustez, baina gehiegi luzatu dira. "Azken urteetan zentzurik ez duten adierazpen politiko batzuek ere egiten ari gara". Adibidez galdetuta, 2014ko martxoan Troikako ordezkariak Bilbora joan zirenekoa berreskuratu du. "Hauek datoz eta beldur inperatiboa dugu ea zer gertatuko den. Ez dugu nahi inolako biolentzia politiko adierazpenik, hori atzean utzi nahi dugun fase bateko elementua delako, kontuan hartu gabe, Troika Greziara, Alemaniara edo Europan barrena joatean hiriek sutan amaitzen dutela, Euskal Herria ez dela burbuila bat eta erreferentzia batzuk oso pedagogikoak direla mundu mailan".
"Ilusio eta inplikazio falta ikusten dut, jendeak bere buruarengan eta komunitatean gauzak aldatzeko sinismen faltarekin lotua". Izar Mendiguren (1988, Laudio) ikasle mugimenduan hasi zen 16 urterekin. Egun ez dabil inongo egituratan eta herri mugimenduetan batez ere komunikazioaren ikuspegia lantzen du. "Hala ere, badauzkagu ilusioa pizten duten proiektuak buruan eta esku artean, kontua da ahalduntze bat behar dugula". Oinarri soziala atzeko planoan ez geratzeko zaintzari arreta jarri behar zaiola uste du, "herritarrak politikaz interesa ez daitezen sistemak aisialdian mila baliabide eskaintzen baititu".
"Ezker abertzaleak badu joera aldaketa baten bidez nonbaitera iritsi eta bertan egokitzeko. Egun ezin da hori egin ordea, aldaketak oso bizkorrak direlako". Markel Ormazabal (1982, Donostia) ikasle mugimenduan hasi zen 14-15 urterekin eta ordutik saltsa ugaritan ibili da: gaztetxe eta okupazio mugimenduan, Donostiako Piraten sorrera urteetan, eta Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeetan. Egun Ezker Abertzalean eta herri mugimenduetan ibiltzen da. "Kezkatuta nago uste dudalako Ezker Abertzalea ez dela erantzuten ari bere osotasunean gizartean ematen ari diren aldaketei".
"Geroz eta gehiago dira diotenak azken 30 urteetako zikloaren aldaketa industrializazio garaian eman zenaren tamainakoa izan daitekeela. Orain arte ohikoak ziren zutabeak aldatuko dira eta ezin asmatuzkoa da datorkiguna, horregatik eskatzen du etengabeko gogoeta, etengabeko kokatu beharra eta gerri politikoa", defendatzen du Ormazabalek.
Jone Etxeberria (eskuinetik bigarrena) ordiziarra AHTren aurkako asanbladan hasi zen 16-17 urterekin. Irudian ekintza baten ostean Ertzaintzak atxilotu zuen unean.
Jendartea berraktibatzen asmatzea da gakoa Jone Etxeberriaren ustez (1979, Ordizia). Itoizko kableak moztu zituzten garaian hasi zen, 16-17 urterekin AHTren aurkako asanbladan. Zazpi urtez kanpoan ibili ostean, EAE-ANVko zerrendetan joan zen eta bere lekua ezker abertzalea zela ikusi zuen. Egun Sortuko kidea da.
Neoliberalismoari aurre egingo dion alternatiba badagoela erakustea lehentasunezko jotzen du, nahiz eta garbi dioen: "Ideien borroka galtzen ari gara". Hainbat faktoreren artean, hispanozentrismoaren indarra nabarmentzen du. "Hego Euskal Herriko hedabide gehienetan, ETBn kasu, hemengo datuak Espainiako Estatuko datuen ondoan ematen dituzte beti, osasuna, langabezia, hezkuntza, industria, zerbitzuak... ez gaude hain gaizki pentsamendua sustatuz, hemen ere aberatsak aberasten eta pobreok txirotzen ari garen bitartean". Status quoa horrela ere defendatzen dutela iruditzen zaio. "Beti egon gintezkeela okerrago, eta beraz, zertarako altxa?", galdetzen du.
Kohesio falta kezka iturri
"Aniztasunaren izenean erradikaltasuna galtzeko saiakerak kezkatzen nau". Amaia Agirretxe (1991, Azpeitia) mugitzen 16-17 urterekin hasi zen, eta unibertsitatean ikasle mugimenduan sartu zen. Egun gazte mugimenduko eta mugimendu feministako kide da. Bere ustez aniztasuna eta erradikaltasuna bateragarriak dira, eta jendeak bere kasa pentsatzea bultzatu behar da. "Zurruntasunak kezkatzen nau, eta zatiketak, disidentziak... nola kudeatzen ari garen. Gertatzen ari dena ukatzea, bestearen iritzia deslegitimatzea... Egia esan kohesio falta ikusten dut". Bere ustez ezker abertzaleak anitza izan behar du, "hala garelako".
"Asko kostatzen zaigu aurrera egitea kontraesanei eta kritikei beldurra diegulako. Aurrera egiteko korapilo hau askatu behar dugu, izan ere orain erresistentzia jarreretatik ofentsibara pasa nahi dugu, euskal estatu hori gaurdanik eraikitzera". Irati Sienrak uste du borroka bera askatzailea dela eta kontraesanak kudeatu behar direnean blokeatu egiten direla ezker abertzaleko kideak. "Arazo handia da hau".
Amaia Agirretxe azpeitiarra, ezkerretik bigarrena, gaztetxearen urteurren festan, baltsa jaitsierako sariarekin.
"Etxea txukundu behar dugu lehenik, ezin aurrera egin gabiltzala dirudi, ez dugula amaitzen". Aiora Mujika (1987, Anoeta). 15 urterekin gaztetxean hasia, gero Ikasle Abertzaleaken eta unibertsitate garaian hainbat antolakundetan ibilia. Egun komunikazio alorrean aritzen da.
Estrategia aldaketa trasatlantikoaren biraketarekin lotu izan dela baliatuta, iruditzen zaio aldaketa horretan arrakalak izan zirela itsasontziaren hondoan, izen eta abizenak dituzten tentsioak, eta hauek konpontzen lana egin beharra dagoela, arrakalak sakontzen joan aurretik.
"Iruditzen zait iraganeko gauza batzuk ez ditugula guztiz askatu, eta aurrera begira gauza batzuk ez ditugula oraindik erditu". Amaia Zufia (1990, Iruñea). Gazte mugimenduan hasi zen, eta 15-16 urterekin ikasle mugimenduan sartu zen. Egun Bilgune Feministako kidea. "Gu izaera galtzeko beldurra dugu eta horrek ikuspegiak zabaltzeko eta beste eremuetan elkarlanak abiatzeko aukera kentzen digu, independentzia prozesu baten parte izan daitekeen jendearekin". Feminismotik interdependentziaren kontzeptua landu dutela baliatuz, sakoneko eraldaketarako subjektuak ere elkarren arteko beharrekin ikusten ditu eta egun mesfidantza ugari dagoela dio.
"Batzuetan uste dut formak ez direla gehiegi zaintzen. Prozedurak eta formalitateek, zilegitzea ematen diote prozesu bati. Nola zilegitu? Egiteko modutik. Askotan aldarrikatzen dugunaren aurkakoa transmititzen dugu. Adibide bat jartzearren, Euskal Bidea. Aurrez egindako hausnarketa asko biltzen zituen arren, ez zen gehiegi zabaldu mugimenduan, hauteskunde kanpainako testuinguru batean aurkeztu zen. Erre egiten du horrek". Ortzi Murua (1995, Azkaine) Segiren disoluzioaren ostean hasi zen gazte mugimenduan, 16-17 urterekin, nahiz eta aurretik gaztetxean ibiltzen zen. Egun Aitzinako kide da, besteren artean.
Ezkerrean Amaia Zufia iruindarra, Bilgune Feministako kidea, Gasteizen egin zen manifestaziorako deialdia babesten.
Harremanak zaindu
"Militatzen dugun momentuan, gure harremanak zaintzeari garrantzia emango nioke. Batzuetan bilkura hotzak ditugu, aio aio eta lixto. Hurbiltasun hori faltan botatzen dut", dio Elorri Arinek. Azpeitian ere Amaia Agirretxek antzeko gogoeta partekatu du: "Ikusten dira saiakera politak ere, batzarretan sekula egin ez denean errondak proposatuz denok hitz egin dezagun, bilera beharrean beste formatu batzuk proposatuz eta abar, baina oraindik lan dexente dugu egiteko. Adibidez, batzarrak amaitzean, bertan parte hartu duen jendea ez bada gai elkarrekin egunerokotasunaz hitz egiteko, zaila da hortik zerbait oso ongi ateratzea".
Jone Etxeberriak garbi hitz egiten du militantzia ereduari buruz. "Estrategia independentista gure herrietara ekartzeko zer egin behar dugu? Zer borrokari eutsi? Eta nola borrokatu? Azken honetan gabezia handia dugu. Batez ere erresistentzian gaudelako, eta gure oinarri sozialaren eta militantziaren perfila ez datorrelako bat erronkarekin. Oso perfil erresistentea dugu, ez eraikitzailea. Normala da eta ez da militanteen ardura. Kontua da garbi izatea trantsizioa egin behar dugula, baina dagoeneko sei urte pasa ditugula horretan, eta aldaketa garrantzitsuak emateko unea da". Kide batzuk birziklatu egin beharko dira bere ustez, eta beste batzuek beste gauza batzuetan jardun beharko dute. Sortuko kidearen hitzetan, orain arte zentroan egon diren militante asko periferiara pasa beharko dira, eta alderantziz. "Aldaketa eta ardura handia da ezker abertzalearen historiaren motxila hartu eta aurrera egitea. Nola egiten dugu gatazkaren konponbidean aditua den militantzia bat LOMCE, Fiare, TTIP eta nazio eraikuntzan aktibo bilakatzeko?".
"Zer lortu nahi dugun eztabaidatuta planteatu behar genituzke mobilizazioak ere –dio Amaia Agirretxek–. Atzoko mobilizazio batzuk mantentzen ditugu, beste batzuk biharko egunaren izenean baztertzen ditugu, baina bitartean ez gara pentsatzen jartzen egiten ari garen horretatik zer atera nahi dugun". Herri mugimenduetako kideek elkar ezagutu eta formatu behar dutela uste du, hortik etorriko direla etorkizuneko aliantzak, eta horregatik, Joxemi Zumalabe Fundazioaren Bor Bor (k) ikastaroan parte hartu izanagatik oso pozik dago.
Konfort egoeratik atera
"Trintxeran egotetik, herrian murgildu eta proposamenak egiteko izugarrizko aukera zabaldu da egoera berriarekin. Norabidea definitu beharrean gaudela uste dudan arren, iruditzen zait Euskal Herrian badagoela saltsa potentea". Kimetz Arana Trapagarangoa da, Ezker Abertzaleko egituretan dabil 14 urte zituenetik, beti ere herri mailan. Ikasle mugimenduan, gazte mugimenduan eta egitura politikoan. Egun Trapagarango Sortuko taldean eta EH Bilduko sarean ibiltzen da gehienbat udal dinamikak eta kalea lotzen, ekimen eta protesta batetik bestera. "Aldaketa hain handia izan da, gure egiturak eta jendea ez zeudela prest". Bere ustez gakoa da ezker abertzaleak bere proposamen politikoa nori zuzentzen dion argitzea.
"Ez badakizu zer nolako herria nahi duzun, nekez egin dezakezu aurrera". Proiektuaren definizio faltak berau ahultzen duela uste du Markel Ormazabalek. "Irudikatu behar dugu zer nolako herria nahi dugun. Sektore askok egin dute, feminismotik, antidesarollismotik eta abar, baina orokorrean irudikapen horiei guztiei zentzu kolektiboa ematea falta zaigu".
Markel Ormazabal Donostiako Aste Nagusi Piratan. Bidea ekintzaren bidez egin behar dela defendatzen du, egoera berriak sorraraziz.
Estrategia independentista eraldatzailea abian jartzea da Jone Etxeberriaren ustez erronka nagusietako bat. Hau zehaztea eta lur hartzea herrietan. "Eraldatzaile" hitzari garrantzia ematen dio eta gustura da Abian dokumentuan hala jaso delako. "Ezker abertzaleko jende asko dago borroka mordotan, egituratuta egon gabe, periferian lanean. Ezker abertzaleak ez du hori elikatu azken urteetan, eta elikatzen hasteko, zein izango da aterkia? Estrategia independentista eraldatzailea", dio.
Arana kezkatzen du ezker abertzaleak aldaketa sozialaren gakoetan sortuko ote duen euskal estatua eraikitzera doan independentismoa ala ez. "Horrelako proiektu batek Euskal Herriko jendearen gehiengoaren adostasuna lor dezake". Euskal herritarrei erakundeetan gardentasun gehiago, parte hartzeko aukerak, demokrazian sakontzeko bideak, justizia sozialean eta berdintasunean aurrera egiteko balio behar diela defendatzen du. "Gauza da ea hori gure herrietan artikulatzeko gai garen, ez soilik gure proposamenarekin, baizik eta loturak eginez proiektu hori konparti dezaketen sektoreekin, antolatuak eta antolatu gabeak".
"Langabetuak, etorkinak, zapalduak... onar ditzagun haien identitateak eta adierazi hau beren herria dela, beren historia Euskal Herriko historia dela". Kimetz Aranak ikusten duenez, "azpikoen identitatea" partekatzen du sektore zabal batek, jatorriak jatorri eta identitateak identitate, eta aldaketaren gakoetan ematen dute bozka hauek. Aranaren ustetan, Ezkerraldea ezezagutzatik gutxietsi egiten da abertzaletasuna ahul delako, baina bere ustez paradoxikoki Bizkaian noizbait EAJri irabazi nahi badio ezker abertzaleak, sektore herrikoi horiek guztiak elkartzean dituen proposamena egin beharko du, "horrekin gehiengoa garelako". Gauza bera uste du beste lurraldeekin ere. "Behar dugu proposamen bat eroso sentiaraziko dituena azpiko sektoreak, elkartuko dituena. Epe ertain batean Euskal Herria askatasunera eraman dezake horrek".
Periferiako borrokak zentrora ekarri behar direla uste du Jone Etxeberriak, nahiz eta ez den erraza izango. "Nola sartu independentziaren ardatza borroka feminista konkretu batean? Edo ekonomia sozial eraldatzailean? Euskal estatua tresna gisa erabili behar dugu egungo egoera hau eraldatzeko. Egun harremanik ez dugun mugimendu sozial askotan lan egin beharko dugu, pertsona zintzo, umil eta langileak izanez, barrutik "Aquí en España" ateratzen zaien kideekin".
"Jendartean dagoen indibidualizaziorako joera, gure militantzian eta espazio politikoetan ere sartzen ari da; horren aurrean prozesuak kolektiboki egitearen aldarrikapena zabaldu behar dugu", dio Amaia Zufia iruindarrak. "Gutasun batean askatuko gara edo hemen ez dago aske izaterik. Zaintza ezinbestekoa da gure jendartean, baina zaintzaren hipertrofia bat ikusten dut. Asko lotzen ari da auto-zaintzarekin eta horren izenean gauza asko egiten dira, kolektiboan gauza asko egiteari utziz". Hor korapilo bat dagoela uste du. Norbanakoarekin batera, taldea eta proiektua ere zaindu behar direla uste du.
Bere ustez, proiektuak hezurmamitzen dituzten kontzeptu batzuk birdefinitu egin behar dira ikuspegi anitzetatik, hala nola, bakea, nazioa, herria, demokrazia eta gatazka. "Oso oinarrizkoak diren arren, oso modu aldebakarrekoan definitu izan dira, eta zergatik ez esan, batzuetan oso modu patriarkalean. "Bakea, adibidez. Argi diogu hemen ezin dela bakeaz hitz egin urtean hildako mordoa daukagunean, sistematikoki erasotuak eta bortxatuak garenean gizartearen erdia. Zer da bakea?", galdetzen du. Zufiak ikusten du nazioarekiko atxikimendua subjektu gehiagok bere egitea nahi bada, ulerkerak zabaldu behar direla eta hau bazterretatik definitu. "Bakea, esaterako, prozesu konplexua izango da, giza eskubideekin du zerikusia, botere harremanen eraldaketarekin eta elementu asko barnebilduko ditu".
"Ezinbesteko ez da inor, baina beharrezkoak denak gara –dio Izar Mendigurenek–. Konpromiso maila ezberdinak kudeatzen finago ibili behar dugu, konpromiso izateari utz ez diezaioten". Horrekin batera, harreman askoren potentzialtasuna ez dela baliatzen ari uste du. "Non biltzen dira 55 urte eta 18 urteko kideak batera? Bada espaziorik elkarlan horiek sustatuz? Hor jakituria asko galtzen ari gara".
Kimetz Arana trapagarandarrak argi du: "PSOEtik ezkerrera gauden guztiok soziologikoki proiektu bera osa dezakegu".
"Ezin gara EAJ-ren zain egon"
Kimetz Aranaren ustez, Telesforo Monzonen garaietatik datorren EAJrekiko konplexu handi bat dago ezker abertzalean: "Abertzaleok elkarrekin joan behar dugu Maltzagaraino, eta hamarkadak eman ditugu momentu hori itxaroten. EAJri eskua luzatzen, pentsatuz noizbait estatuarekin konfrontazio batera joaten bagara, derrigor elkarrekin behar duela".
"Nire iritzia da ezin garela EAJren zain egon etengabe, eta egungo indar galtzearen arrazoietako bat hori dela. Beti pausoak neurtzen, ekintzak bideratzen EAJrekin elkarlan batera". Kataluniako prozesua ikusita, eskema hori indartu dela iruditzen zaio. "Oso ezkorra naiz gai horrekin, gehiago ikusita EAJ inoiz baino erosoago, egitura instituzionalaren kudeatzaile nagusi EAE eta Nafarroan. Zail egiten zait hori aldatu nahiko dutela pentsatzea". Bere ustez ezkerreko terminoetatik indarrak herrigintzan jartzeko unea da, alternatiba soberanista ezkertiarra landuz, EAJren posizioa ahulduko lukeena eta alderdi hori elkarlanera eramango lukeena, bere burua kolokan ikusten badu.
Irati Sienraren ustez, EAJk ez du euskal estatu bat nahi, beren interes ekonomikoak Espainiako Estatuan dauzkatelako. "Eta nahi balute, aberastasuna biderkatzeko nahiko lukete, justu guk kontrakoa nahi dugunean, herritarrontzat justizia soziala; beraz, gaur gaurkoz EAJ ez da batuko prozesu independentistara".
Herrietan murgildu
"Gure artean egon gara, ez gara gure herrietan murgildu. Praktika militantea aldatu behar dugu. Eroso ibili behar dugu gure herrietan. Gure sentitu ez ditugun beharrak ere ezagutu behar ditugu. Kalean etxeko zapatilekin ibili behar dugu". Kimetz Aranak dio Meatzaldean eta Ezkerraldean gai honi buelta asko eman dizkiotela azken urteetan; baita emaitzak jaso ere.
"Goitik behera zetozen kanpainekin funtzionatzen ohitu gara. Herriak eraiki nahi baditugu, militantzia eredu autonomoa behar dugu, bere baliabideak garatuko dituena, ildo adostuen barnean erabakiak hartzeko gaitasuna duena. Militantzian indarra eta baliabideak jartzea eskatzen du honek, formakuntza eta indartze pertsonala praktiketan. Egitura guztiak egokitu beharko lirateke hori egoki ikusten bada".
Aranak liberatuen figura hartu du adibide. "Orain arte gehienbat informazioaren transmisore funtzioa izan badute, hemendik aurrera eskualdeen dinamizazio figura hartu behar dute, herrietako jendeari baliabideak ematen dizkion pertsona izan". Horretarako eskualdeak goitik behera ezagutzen dituzten kideak behar direla uste du.
Erabakiak kolektiboan hartuz asanblearismoan sakondu behar dela uste du, ez estrategia handiei buruz aritzeko, baizik eta gertuko beste galdera batzuei erantzuteko: "Gure herrian hurrengo urtean zer egingo dugu? Barakaldon zer? Sestaon zer? Noraino heldu nahi dugu? Zer indar ditugu? Zein dira eraginguneak? Zer esparruk sortzen du ideologia? Non eman dezakegu urrats bat gehiago?". Bere ustez ezker abertzaleko militantzia esparruak hori behar du izan.
Azpeitian martxoaren 8aren harira, "emakume anitz, errealitate anitz" izenburupean, feminismoa modu ezberdinetan lantzen duten elkarte ugarik mahai ingurua antolatu zuten, ardurak banatuta. Elkarren lanaren berri izan eta sareak josteko balio izan ziela gogoratzen du Amaia Agirretxek. "Badago borondatea auzoetako jendearekin lan egiteko, gaizki pasatzen ari den jendearengana hurbiltzeko".
Elorri Arin donibandarra berriz hasi da Sortun Abian prozesuarekin eta hau arnaste berri bat iruditu zaio.
"Erronka gisa, masa kritikoa indartu, elkartu, berriz ere borrokara ilusionatu, sinetsi norbere gaitasunetan, hitza eta erabakia guk dugula", dio Elorri Arin donibandarrak. "Borrokan jarraitu behar dugu, ez soilik gatazka politikoan, beste arloetan ere lan handia da egiteko: feminismoan, euskalgintzan edo ekologismoan, batzuk aipatzearren".
Kultura politikoa egokitu
"Orain ezin da eztabaidatu, ez dago baldintzarik, hau da erabakia eta gero eztabaidatuko dugu. Klandestinitatetik gatoz eta urte askoan hori onartu dugu, baina egoera aldatu den honetan, asko zaindu behar dira formak. Eztabaidarako espazioak eraikitzen badira, gai bati buruz iritzi ezberdina badut ere, ikusiz gero gehiengoak ez duela hori pentsatzen, onartu eta defendatuko dut. Baina ez badago non hitz egin gai bat, horrek asko zailtzen du kohesioa". Alor honetan asko dagoela hobetzeko iruditzen zaio Aiora Mujikari.
Izar Mendiguren amurrioarra datozen Espainiako hauteskundeetan Arabatik Senatura joateko hirugarren doa zerrendan. Madrilera euskal herritarren eskubide, behar eta nahiak eramatea garrantzitsu ikusten du.
Parte hartzeko modu mugatuek kezkatzen dute Izar Mendiguren. "Jende asko kanpoan geratzen da, ekimenetan parte hartzeko planteatzen diren moldeak egungo bizi ereduan ez direlako ongi txertatzen, adibidez, herri batzarrak". Ordutegiaren arabera, batzuk ala besteek ezin izaten dutela bertaratu dio, eta galdetzen du ea kide horien ekarpenak jasotzeko indarra egiten den. Bitartekoak jartzen al dira horretarako? Hausnartu al da taldeetan horren inguruan? Nola egin daiteke erakargarriago parte hartzea?", galdetzen du amurrioarrak. Hainbat lekutan bideoekin eta formatu berriekin esperimentatzen ari direla txalogarri zaio.
"Kezkatzen nau jendeak zentzurik ez ikustea ezker abertzalean militatzeari. Egun zer da ezker abertzaleko militante izatea? Zer lan dakar horrek? Erantzunik ez baduzu edo "ezer ez" bada, jendeak beste bide batzuk bilatzen ditu, inguruan ikusten dugu jendea ez dela zain egongo", dio Markel Ormazabal donostiarrak.
Gaur egungo ezker abertzaleko belaunaldi gazteek transmisioan etena izan dutela iruditzen zaio Ormazabali. "Badakigu ezker abertzalea zer izan den? Zer den? Nondik datorren? Zein oinarri eduki dituen? Badakigu bere historia? Zalantza handiak ditut eta transmisiorik gabe geratzen garenean, proiekturik gabe geratu gara".
"Indartu behar da proiektu politikoaren definizioa eta kultura politikoa, iniziatiba politikoa berreskuratu behar da, aldaketarako egoerak sortu behar dira, baina bereziki barneratu behar dugu aldaketak ematen ari direla eta aldaketa horiek ondo ulertu eta ongi eragiten asmatu behar dugula". Markel Ormazabalen aburuz, eraldaketaren alde lanean ari direnen elkarlana da bidea. "Ez gara eraldaketarako subjektu bakarra, gehiago daude, eta hauen elkarlanetik etorriko dira fruituak, baina hauetan eragin behar dugu, eta horretarako iniziatiba behar da".
"Norberak bere baloreekin itxura bat eraman dezake, baina praktikan ez badu egiten, itxurakeria handia ikusten dut". Elorri Arinek uste du militantzia eguneroko konpromisoetara ere ekarri behar dela. "Uste dut kontzientzia hau ez dela zabaldua". Alde honetatik, sortze prozesuan den Lurralde Askea mugimendua esperientzia interesgarria iruditzen zaio.
Azpikoen identitatea osatu
"Instituzioek dituzten mugez gain, hauteskundeetan ez dugu gehiengorik lortzen. Aldi berean, alternatibek mikroan ez dute gaitasunik gizarte osoaren beharrei erantzuteko. Eztabaida hori beste urrats batera eramateko moduan garela uste dut. Ez ote gara aldaketa berriak orain arteko hitz zaharrekin interpretatzen ari?". L'art de la revolte liburuak ideia hori jasotzen duela aipatu du Ortzi Muruak. "Nik uste badirela baldintzak esperientzia mikroak saretzeko eta mundu mailako ezkerraren askapen prozesu batean kokatzeko".
Ortzi Murua azkaindarrak (ezkerrekoa) uste du aldebakartasunaren kontzeptua gaizki erabiltzen ari dela Ezker Abertzalea eta ideiaren argitze kolektiboa behar dela.
Nazioarteko erreferenteei garrantzia ematen die, eta bere aburuz, independentismo eraldatzaileak ez luke atzerrira begiratzean Eskozia eta Kataluniako kasuetara mugatu behar, mundu mailan herritarren burujabetzaren alde ari direnak ere nabarmendu behar lituzke, Bretainian aireportu baten aurka aurrera daramaten ZAD proiektua kasu. "Erreferente horiek gure sentitu behar ditugu, hausnarketa interesgarriak direlako". Bere buruari dagozkion erabakiak norberak hartzea mundu mailan ezkerraren ideia orokorretako bat bilakatzen ari den honetan, indartsu ikusten ditu abertzaleak, ideia hori DNAn daramatelako. "Diskurtso orokor horrekin lerrokatu behar dugu geure burua".
Bere ustez, jendearekin hitz egitean, sistema kapitalistaz aritzean, ezin da esan kapitalismoak guda irabazi duela, indar harremanean hain urrun egonik beste bide bat hautatzen dela, amore eman balitz bezala. Bere aburuz, argi utzi behar da sistema gisa ez dela bideragarria, krisia muturrera doala eta gizarteei ez diela ongi egituratzen uzten. "Ez da bakarrik esatea ez gaudela ados, bortxaz behar da beste eredu bat, goazen elkarrekin egitera".
Horretarako pauso zehatzak eman behar direla ikusten du, aukerak baliatu, eta adibidez, Kutxabanken pribatizazioaren gaian, Muruak ez du ulertzen nola ez den baliatu banku etikoen gaia mahai gaineratzeko. Koop57 kasu, Euskal Herri mailako banku etiko indartsu bat, webgunean erraz adieraziko duena nola igorri dirua bertara.
"Besteak bezalakoak bihurtzen ari gara, hori ezin da gertatu", dio argi Kimetz Aranak. "Hauteskunde kanpainak auzolanean oinarrituta egon behar da eta herriko jendeak hitz egin behar du. Lantaldeak baditugu herrian, horiek azaldu behar dute proiektua, eta ez kanpotik kamioiak ekarri gure logoarekin, edo tranbian gure hautagaiaren argazkia jarri". Mikrofonoa herritarrei eman behar zaiela defendatzen du, eta horrek taldeak indartzea ekartzen duela.
"Euskal Herrian PSOEtik ezkerrera gauden pertsonak soziologikoki jende bera garela uste dugu Ezkerraldean askok", dio Kimetz Aranak. Oroitzen du orain zortzi urte politikoki hazi nahi zutela eta borroka nazionala indartzeko, auzoetako borroka sozialetan sartu behar zirela ondorioztatu zutela Trapagaranen. "PSOE sortu zen lekuan, La Arboleda auzoan, nahiz eta jakin harresi asko eraitsi behar genituela, gure ekimenetan hurbiltze bat izan da urte hauetan, lantaldeak sortu dira bertako kideekin, proposamenak eginez, kezkak bideratuz. Lau urteren ostean, hauteskundeetan Bildu hirugarren indarra izatetik lehen indar nabarmena izatera igaro da meatzari auzoetan, hain justu oso euskaldunak ez diren guneetan".
Feminismotik aldaketa
"Kezkatzen nau estrategia berrian zer apustu egingo den feminismoarekiko. Orain arte borroken hierarkizazioa egin dela sentitzen dut ezker abertzalean, eta borroka batzuek besteak irentsi dituztela". Amaia Zufiak nahi du Euskal Herrian dauden erroko gatazken aurrean borroka egingo duen subjektua osatzea, hauek mailakatu beharrean. "Genero zapalkuntza eta zapalkuntza anitzak errotzen ditu eta hori iraultzeko feminismoa proposamen politikoaren erdian jarri behar da, barnerako eta kanporako tresnak eskatzen ditu honek".
"Feminismoak indar handia du gazte mugimenduan, ia herri guztietan daude talde feministak". Irati Sienraren ustez horrek erakusten du feminismoaren inguruan ezinegon handia dagoela, eta horrek aurrerantzean herri mugimenduetan eragina izango duela.
"Ilegalizazioa aitzakia gisa erabili da eztabaida batzuk ez irekitzeko". Sienra zorrotz mintzo da Ezker Abertzale barneko botere harremanei buruz. "Errepresioak ere horra eraman du, baina oso militantzia maskulinizatua izan dute espazioek, gizonez beteriko zuzendaritzekin, gizonek erabakitzen zer egin, adinean aurrera egin ahala, emakumeak militantzia eremuetatik kanporatzen".
Azken urteotan aldaketa handia nabari du, gehien bat alderdi diskurtsiboan. Bere ustez antolakunde bakoitzak barne mailan landu behar du, horretarako guneak sortuz. "Jende baten partetik erresistentziak daude gai hau lantzeko".
Sienraren ustez ezker abertzaleko emakumeek espazio propioen beharra dute, eta mugimendu feministan antolatutako abertzaleekin egin behar dituzte aliantzak, batez ere Bilgune Feministarekin. "Urte askotan lan handia egin du ezker abertzalea feminizatzeko, eta hori aitortu egin behar zaio". Horrez gain, gizonek beren pribilegioez eta hauei nola uko egin hausnartzeko espazioak sortu behar dituzte, feminismoan gizontasuna lantzeko.
Amaia Zufiaren ustez, ezker abertzaleko gizonek prest egon behar dute boterea konpartitzeko –"bestela kendu egin beharko zaie"–, eta subjektu feminista izateko barne prozesu kolektibo bat behar dela ikusten du. "Sistema patriarkalak zenbaterainoko eragina duen aztertu behar da, feminismoak zer proposamen politiko egiten duen ezagutu, eta harremanei buruz azterketa kontziente bat egin behar dugu, zer birproduzitzen dugun ikusteko".
Lurraldetasuna mapatik harago
Trapagarandik Kimetz Aranak oso lotura gutxi ikusten du Euskal Herria deitzen dugun lurraldearekin. "Banatuta gaude, euskal kulturaren eragina txikia da gure hirietan, lurraldetasuna mapa batetik harago ez dugu eraikitzen. Independentista garenok hori uztartu behar dugu: Saretu baztertuta dagoen jende guztia proiektu batean eta Euskal Herriarekiko hurbiltasuna transmititu, eta euskara, baldintza beharrean, proiektua uztartzen duen zerbait bezala planteatu". Euskaldun batek Ezkerraldean bere minorian sentitzen duena senti dezake galiziar batek edo senegaldar batek Bilbon bere ustez.
"Nahiko haserre naiz Ipar Euskal Herriak duen trataerarekin. Bere garaian Segin militatzen genuen, klandestinoki, eta bilerak egiten genituenean Hegoaldeko kideekin. Egoera oso zaila zen eta hilean behin biltzen ginen, erakunde nazionala ginela esanez". Egun, legaltasunean, ez du harremanik ikusten ia. "Ez da nik espero dudan harremana, orain hamar urte bezala gabiltza". Diskurtso politikoetan Espainiaz bakarrik hitz egiten dela ikusten du, Arnaldo Otegiren azkenak kasu. "Eta Frantzian zer dugu? Ez al dugu gatazkarik? Berotzen nau gai honek".
"Badira kasu politak, EHZn adibidez, zubiak ditugu Donostiako Piratekin eta beste eragileekin, baina nola da posible Ezker Abertzaleko erakundeen artean ez harreman gertukorik izatea?".
Aldi berean, Ipar Euskal Herrian Ezker Abertzalea egituratzen ari da, Sorturen eratzea eman zenean, Iparraldean une txarra zela gogoetatuta. Ortzi Muruaren pentsamendua asko doa horra: Nola saretu elkar modu eraginkor batean?
Konfrontazioa behar da
"Nola egiten da iraultza Euskal Herrian XXI. mendean?", galdetzen du Endika Perezek. Indar metaketa eta konfrontazioa uztartu behar ditu ezker abertzaleak bere aburuz. "Harreman ereduak, kontsumo ohiturak, konpromiso militantea beste espazio batzuetara eramatea... ezker abertzaleak identitate iraultzaile berri bat sortu behar du erantzunak emateko egunero sistemaren aurka egin nahi dutenei".
"Talka irudikatu behar dugu", dio larrabetzuarrak. "Irabazteko aldatu genuen estrategia, ez sisteman integratzeko. Beste jendarte eredu bat nahi dugu, eta horrek derrigor konfrontazioa eskatzen du. Ezin gara denen lagunak izan, hemen proiektu ezberdinak daudelako". Bere ustez konfrontazioa kalera atera behar da, desobedientzia ekintzak ugaritu ados ez diren gaietan.
Endika Perez larrabetzuarra (kamiseta laranjaz eta motxila gorriarekin) Ernaiko kidea da. Ezker Abertzalea bera ahul egon arren, ekimenekin asmatuz gero jendeak parte hartzen duela uste du.
"Ezker abertzaleari ekintza falta zaio", dio Markel Ormazabalek. "Ekintza da aldaketarako egoerak sortzen dituena". Norabide honetan herri harresien arrakasta aipatzen du, une batean atxiloketak eten zitezkeela irudikatzera heldu zirela gogoratuz. "Zientoka gorputz pilatu ziren atxilotuak izango zirenak babestera, horietako asko atxiloketak eten genitzakeela sinestera iritsi ginelako; hori irudikatzeari utzi diogun unean indarra galtzen joan da". Irudikatzeak errealitatea gainditzeko indarra ematen du Ormazabalen ustez. "Ertzaintzak Donostiako Askegunea desegin zuenean, kideen sentsazioa zen: 800 geunden, baina hurrengoan 3.000 bagaude, eta herri honetan egon gaitezke 3.000, ez dituzte atxilotuko".
Blokeoa gainditzeko ordua
"Euskal Herriak badu urte askotako ibilbidea, herri mugimenduek auto antolatzeko gaitasuna sobera dute, eta herri txikia garenez, sinergiak sortzea errazagoa da. Apalduta badago ere, jendeak badu prestutasuna. Ezker Abertzalea ahul egon da, baina ingurua? Kanpoan baldintzak badaude, agian etxe barruan dugu apatia puntu hori –dio Endika Perezek–. Dinamika politak planteatzean jendeak erantzuten du, tekla egokiak jo behar. Baldintza subjektiboak landu behar ditugu, ezin dugu amets egiteari utzi".
"Euskal Herria oso aberatsa da proiektuetan, herri mugimenduak ikaragarrizko erronkak atera ditu aurrera", dio Izar Mendigurenek. "Herri baten izaera da, eta hor indarra egin behar dugu. Gogoratu behar dugu oinarrizko proiektu asko auzolanean atera direla aurrera, ikastolen mugimendua kasu".
Aiora Mujika anoetarrak uste du diskurtso ilusionagarriak jaurtitzea positiboa dela, baina gero pausoak ematen badira, bestela frustrazioa eragiten duela.
"Agian belaunaldi aldaketa leku batzuetan ongi etorriko litzateke, nik komunikazioaren esparruan ikusten dut", dio Aiora Mujikak. "Bizi osoa esparru honetan daramanak ohitura batzuk dauzka eta formatu batzuetara jotzen du nahi gabe. Agian bere lanean oso ona da, baina norberaren gabeziak ikusten ere jakin egin behar dugu. Kode berriekin hazi diren belaunaldi digitalek beste gako batzuetan pentsatzen dute, eta ideien transmisioan jarri behar da indarra".
"Asmatu behar dugu subjektu anitz bat osatzen, eta ez da batere erraza", dio Amaia Zufiak. "Independentzia prozesu baten parte izan nahi duten subjektu guztiek izan behar dute leku bat honen oinarriak jartzeko, eragiteko, hau martxan jartzeko eta erabakiak hartzeko". Konfluentzia guneak sortu behar direla uste du, agenda bateratuekin batera. "Herri honetan eraldaketa emateko lanean ari garen guztiok aitortza eta mintzakidetza behar dugu. Agian eremu guztiak batuko dituen konfluentzia gune bakarra sortzea ezinezkoa izango da, baina gune gehiago behar dira eta subjektu anitzak aitortu".
"Nola irabazten du ezker abertzaleak sinesgarritasun politikoa berriz ere eraldaketarako ari diren eragileetan? Batetik, ahaztuz iniziatiba duen bakarra dela, eta bestetik, urte hauek guztietan metatu dugun kapitala eraldaketarako prest dauden indarren mesedetan jarriz", dio Ormazabalek.
"Akademiko gehiegi eta akzio gutxiegi dugu –dio Irati Sienrak–, kalera atera behar dugu eta gauzak egin; ezker abertzaleak badaki hori egiten".
"Azken urteetan mugimendua ahul egon da, eta gazte mugimenduan ere erasoei erantzuten indar handia jarri dugu. Hala ere, gazte mugimendua berpizteko lanean ari gara eta nahiko prozesu emankorra izaten ari da", dio Irati Sienrak. Bere hitzetan, gazteak ez direla borrokara lotzen saltzen dute hedabideek, baina hori ez da horrela. "Euskal Herriko gazteria oso anitza da, korronte ideologiko askotakoak eta eragile asko antolatzen ari dira, pixkana elkarrekin konfluentziak egiteko; adibidez, gazte asanbladak eta gaztetxeak oso gogoeta interesgarrietan ari dira beren funtzioei buruz. Alternatibak eraikiz goaz".
"Indarrak berriz hartu eta gure artean zintzoki egon behar dugu, itxura gutxiagorekin, gauzak egin nahi ditugulako. Egin den guztiagatik zor dugu borrokan jarraitzea, eta sinetsi behar dugu berriro borrokan", dio Elorri Arinek.
"Estrategia aldatu dugu, itxaron da estatuen partetik pauso batzuk egitea, ez dute egin guk nahi heinean, eta hor ezker abertzaleak indar asko galdu du. Orain ilusioa ikusten dut hainbat konturekin –dio Arinek–: Ados, borroka ez da eten, parentesi bat izan da". | news |
argia-be0bbb915a66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/osasunak-eskatzen-du-gaixotasuna-onartzea.html | "Osasunak eskatzen du gaixotasuna onartzea" | Aritz Galarraga | 2016-05-29 00:00:00 | "Osasunak eskatzen du gaixotasuna onartzea"
Bartzelona, 1950. Orain hogei urte hasi zen gero neke kronikoa izango zena sufritzen. Edo hasi zen López Petit filosofoak berak "gauaren zeharkaldia" deitu duena. Suntsiketa prozesu fisiko eta mental hori azaltzen du Hijos de la noche (Gauaren seme-alabak) liburuan. Sufritzaile soil izan beharrean, eztabaidan parte hartzeko borondatearekin.
Zure kontakizuna errotik da intimoa, baina badu, halaber, dimentsio politiko bat.
Momentu hauetan egin dezakedan gauzarik politikoena, segur aski, izango da azaltzea zergatik gaua dagoen nigan eta irensten nauen modu nekaezinean. Hau da, gaixotasuna azaltzea ekintza politiko baten gisara. Partekatzea litzateke nire ondoeza politizatzea. Gaixotasuna arma bihurtzea.
Norbera diagnostikatuz garai bat diagnostikatzea, alegia.
Erabat pertsonala da liburua, nire suntsiketa prozesu fisiko eta mentala agertzen da bertan, baina azkenerako ahots kolektibo bilakatzen da. Apustua hori zen: gertatzen zaidanaren hondoraino banoa, nolabait ondoez sozial batekin konektatzen dut, eta existentziaren politizazioak dakar gaixotasuna arma bilakatzea. Diagnosi pertsonal bat egiten dut, baina aldi berean garai baten diagnosia da. Ahots pertsonala desokupatu egiten da, eta ahots kolektibo bilakatzen.
Diagnosi esan duzu, medikuntzako terminoa. Zurea, aldiz, filosofiatik gerturatzea izan da.
Gaur egunean zutik iraun nahi duen jendeak, belaunikatu gabe, eguneroko umiliazioa jasan nahi ez duenak, bizitzarekin arazoak ditu, arazo politikoak. Bizitzarekiko arazo horien aurrean azalean geratzen da psikologia, bizitza pribatu baten arazoak deskribatzearekin geratzen da. Filosofia saiatuko litzateke sartzen gehiago bizitza ororen hondo ilunean: zer dakigu bizitza batez, zer dakigu geure bizitzaz, nola zeharkatzen dugu inpotentzia politikoa, nola egiten da jasangarri bizitza politiko bat. Eta hori guztiori gaixotu gabe.
Zu gaixotu egin zinen: neke kronikoa.
Tira, esplikatu ezin den guztia kabitzen den sindrome baten barruan sailkatu naute. Sailkatua izateak, gaixotasunari izena jartzeak, agian jasaten dudan suntsitze hau geldituko zuela uste nuen. Baina nekea ez da edukitzen den gaixotasun bat. Izateko modu bat da.
Psikiatrak argi dauka: zure nortasunaren alde intelektuala asko garatu duzu, eta gutxi alde emozionala.
Medikuntzak modu garbian banantzen ditu osasuna eta gaixotasuna, eta hori problematikoa da. Are orain, agertu denean gaixotasun multzo bat, normaltasunaren gaixotasunak deitzen ditudanak, normaltasunera ezin egokitzetik sortzen direnak. Medikuek diagnostikatzen ez dakiten gaixotasunak dira, bestalde, eta era berean oso pertsonalizatuak, elkarren diferenteak. Etengabe mobilizatuta zaudenean bizitza deitzen dugun makina honen barruan, puskatu egiten zara. Eta zer gertatzen da bizitza bat puskatzen denean, nola ateratzen dira indarrak haustura horretatik?
Galdera ona da.
Onartu behar dugu, lehenik, anomalia garela. Eta horrek eramango gaitu minaren indarrera, edo, hobeto, minezko indarrera. Anomalia da bizi nahi izatea eta ezin bizi izatea. Bizitzarekin arazoak badituzu ez zarelako erabat egokitzen normaltasunera, anomalia bat zarelako –eta neurri batean denok gara dagoeneko anomalia–, minezko indar batek gurutzatzen zaitu. Kontua da nola hartzen duzun minezko indar hori eta nola zuzentzen duzun. Dimentsio kolektiboak laguntzen du bizi-nahi hori artikulatzen.
Aipatu dituzu normaltasunaren gaixotasunak. Jendarte bakoitzak baditu bereak.
Ondoez soziala da jendarte hau salatzen duena zapaltzailetzat, gordintzat, injustutzat. Hutsunearen gaixotasunak ezagutzen ditugu gaur, antsietatea, anorexia; sistema immunologikoaren gaixotasunak: neke kronikoa, sentsibilizazio kimiko multiplea, fibromialgia. Nola deitu gero normaltasunaren gaixotasunari? Izen egokiena izango da, segur aski, nekea.
Normaltasuna, beraz. Gaixotasunak ateratzen zaitu normaltasunetik.
Gaixotasuna, erromantikoentzat, bereizketa zeinu bat zen. Garai globalean, normaltasuna bera askoz ere interesgarriago bilakatu da salbuespena baino. Esan dezagun nekeak galarazten duela poztasuna, nahiz eta ateratzen zaituen erdipurdikotasunetik.
Gaixotasuna bera atera nahi ote dugun gure jendartetik.
Gaixotasuna giza izaeran txertatuta dago, erabat propioa da. Eta era berean beti izan da dekadentziaren sinonimo, ezintasuna ekarri du berarekin. Osasunak, aldiz, egiazko osasunak, eskatzen du gaixotasuna onartzea, menperatzea, eta bizitzeko estimulu bilakatzea.
Eta, gaixotasunetik, zein da heriotzarekiko harremana?
Neke kronikoaren kasuan, esango nuke funtsezkoa: heriotza barneratzen bada akaso bizi daiteke. Biraketa egin nuen nik: heriotza jarri behar dut nire barruan bizitza hau jasanezina delako. Heriotzarekiko harreman modu batek galarazten dizu heriotzarekiko beldurra. Eta horrek konektatzen du bizi nahi izatearekin. Nola alda dezakezu zure bizitza ez baduzu gorrotatzen? Bizitzaren baieztapen puru bat ezin da egin, bizitza iluna baita. Baina bizitzaren grazia hori da, erabat argia balitz galduko luke interesa. | news |
argia-ef48cca63d31 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/gastu-militarra-berbideratu.html | Gastu militarra berbideratu | Juan Mari Arregi | 2016-05-29 00:00:00 | Gastu militarra berbideratu
Espainiako Estatuko gastu militarra %33 handitu da 2015ean, eta 12.852 milioi eurotara iritsi da, aurreko urteko 9.596 milioien aldean. Hau da, 3.256 milioi euro gehiago gastatu dira, Espainiako BPGren %1,3. Stockholmeko Ikerketa Zentroak egindako txostenak halaxe dio. Bartzelonako Delás Bakearen Ikerketarako Zentroak, berriz, aurrekontu militarraren barruan sar litezkeen beste elementu batzuk gehitu dizkio kopuru horri, eta ondorioztatu du egiazko datua 17.500 milioi euro dela. 2015ean munduko gastu militarra %1 hazi zen, 1,7 bilioi dolar hain zuzen. Munduko rankingean AEB dago lehen postuan, 596.000 milioi dolar eta kopuru osoaren %36 baitagokio. Txinak jarraitzen dio, 215.000 milioi dolarrekin, gero Saudi Arabiak (82.700) eta Errusiak (66.400).
Arma-industria munduko kapitalismoaren sostengatzaile da, eta gisa horretan burtsetan gorantz doa, etekin handiak baititu. Kapitalismo hori kudeatzen duten gobernuak, aldiz, ongizate estatua desegiten ari dira eta murrizketa gogorrak inposatu dituzte politika sozialetan. Baina ez dute zalantzarik sektore militarrera kopuru oso handiak bideratzeko.
Herritarrek presio egin behar diete gobernuei, gastu militar hori berbideratu eta ekonomia errealean inbertitu dezaten enplegua sortzeko, edota politika sozialetan, pentsioetan, kulturan eta hezkuntzan erabiltzeko. Arlo militarrera zuzenduriko euro bakoitza atzerapauso bat da bake baldintzak eraikitzeko bidean. Bakea nahi badugu, bake politiketan inbertitu beharko dugu. Eta bake horren zati handi bat da denok lana izatea, berdintasuna, justizia, elkartasuna eta migratzaileak onartzea, areago arrazoi politikoak edo ekonomikoak tartean direnean. | news |
argia-d4bea713a8b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/hanka-hutsik.html | Hanka-hutsik | Edu Zelaieta Anta | 2016-05-29 00:00:00 | Hanka-hutsik
Gainbehera heldu da munduko prentsaren askatasuna, Freedom House erakundearen arabera. 2015 urteari buruzko txostenean agertu berri duenez, munduko bizilagunen %13 baino ez da bizi prentsa askatasuna bermatua dagoen estatu batean. Iparraldea eta Hegoaldea beren baitan hartzen duten Frantzia eta Espainia ehuneko pribilegiatu murritzean daudela ikusi dut, Europako 26. lekuan berdinduta. Jakizu, ARGIAko irakurle, Europako rankingean dagoen hurrengo estatua Italia dela, eta (dagoeneko) partly free delako multzoan dagoela.
Urtero argitaratzen den ikerketaren arabera, eta munduko botere-gune nagusietatik ematen diren mezuen kontra, ez dirudi, momentuz behintzat, XXI. mendea prentsa askatasuna lortzeko garai egokia denik: XX. mendearen bukaeran baino makurrago bide gaude orain. Tamalez, zenbait arlotan gertatzen den bezala, normala izan beharko lukeen egoera salbuespena da mundu osoari begiratzen badiogu.
Ez dut gurean hain modako dagoen Basque Country aurkitu txostenean. Alabaina, ospe oneko estatuetan gertatutako askatasun murrizketak direla eta, hainbat lerro eskaintzen zaizkie Frantziari eta Espainiari: bertan ere zakurrak hanka-hutsik. Eta mozalak indarrean. | news |
argia-2c6f3c484c5d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/publikoki-plazaratu-da-ezker-abertzalearen-zatiketa.html | Publikoki plazaratu da ezker abertzalearen zatiketa | Xabier Letona | 2016-05-29 00:00:00 | Publikoki plazaratu da ezker abertzalearen zatiketa
Askatasunaren Bidean sortu da eta honekin ofizialki gauzatu da egiazkoa zen ezker abertzalearen barruko zatiketa politikoa. Horrek erakusten du Euskal Herria ez dela beste herrialde batzuetatik oso desberdina, hainbatetan pentsatu eta aldarrikatu izan den kontrara. Irlandan ere eman zen prozesu hori, aski giro gordinagoan gainera, Sinn Féin eta IRAtik aldendu zirenek borroka armatuarekin jarraitu baitute.
Borroka armatua da euskal gizarteko alor mediatikoak begiratu izan duen puntu nagusietakoa. Zer gertatuko da? Askatasunaren Bideanek Bilbon egindako agerraldi publikoan argi utzi zuen ez dutela horretaz hitz egin; alabaina, iradokitzen da ez dela lehentasunen artean, aipatu zutelako ezker abertzaleak baduela nahiko masa kritiko beste era batera antolatzeko. Aurkezpenerako ateratako agirian, dena den, argi antzematen da haiek ez diotela inori esango nola borrokatu behar den edo nola ez: "Euskal Estatu Sozialistaren bidean, Euskal Herria askatzeko borrokan, nork bere tokia har dezala, gogo eta indarren arabera".
Legitimitate borroka garrantzitsua ematen ari da ezker abertzalearen baitan eta Bilbon ere talde esanguratsuak lagundu zuen aurkezpena, 50en bat preso eta errefuxiatu ohik. ETAren jarduera armatuaren amaiera ekarri zuen estrategia bideratu zutenen aurkako kritika oso gogorra egin du talde berriak. Ezker Abertzale ofiziala dei genezakeena –Sortu, LAB, Ernai– politikoki larrutzen du, funtsean traizioa leporatuz eta hauen izaera Bergarako Besarkada, Santoñako errendizioa edo ETA pm, EIA eta Euskadiko Ezkerrarekin parekatuz.
Ezker abertzale ofizialak jadanik oso aspaldi erabiltzen ez duen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren militantetzat jotzen dute euren burua eta "lotsagarritzat" hartzen dute Sorturen jarduera eta norabidea. Denbora mugarria ere finkatu dute: traizioaren hasiera sinbolikoa 2009ko azaroan Altsasun legez kanpoko ezker abertzaleak "Mitchell Printzipioak" onartu zitueneko prentsaurreko jendetsua izan zen. Harrez gero, ezker abertzalean bi joera garatu direla iritzi diote, "alde batetik erreformista, oportunista zein instituzionalista eta bestaldetik abertzale sozialista iraultzailea". Lehena nagusitu da ezker abertzalearen erakundetzean, eta orain bigarrenak lehia politikorako atea ireki du.
Askatasunaren Bideanek plazaratzen dituen kritikak ez dira berriak eta hainbat moldetan gizarteratu dira azken urteetan. Horietako ezagunenak amnistiaren inguruko diskurtsoan egituratu dira, batez ere Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduaren bidez. Iraultzaileen Bilguneak edo Ibil moduan ezagututakoa ere sortu zen 2013an eta ANV-EAE historikoaren ideiei helduz, Euskal Ekintza erakundea 2015eko abuztuan. Izaera anitzeko ekimenak dira aipatutakoak, baina Sorturen ibilbidea egurtu izan dutenak.
Era askotako kritika emaria jaso du Sortuk azken urteetan, bai bere baitatik bai herri mugimenduei loturako sektore zabaletatik ere. Zenbaki honekin batera argitaratu den LARRUNen ere –"Ezker abertzalea berpentsatzen"– irakurri daitezke horietako batzuk, hamaika gaztek egindako hausnarketetan. Abian prozesuarekin eztabaida bideratu nahi izan dute Sortu, LAB eta Ernaik, eta ikusteke dago honek zer emaitza emango duen edo zein neurritan lortuko den krisi sakona bizi duen ezker abertzale ofizialaren berregituraketa.
Oraingoz ez dirudi korronte hauek ezker abertzale nagusiaren hegemonia gainditzeko adina indar dutenik, baina lehia ematen ari da esparru askotan eta disidentzia gorpuztu ahala, hauteskunde borroka ere ezin da baztertu. Ez da Askatasunaren Bideanen lehentasun esparrua, baina ate hori ere parez pare irekita geratu da. | news |
argia-01999f4c6c34 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/gure-lurralde-liberatua.html | Gure lurralde liberatua | Aingeru Epaltza | 2016-05-29 00:00:00 | Gure lurralde liberatua
Harako "autobia, erokeria!" hura ez zait oroimenetik joan. Beharbada horregatik, tentuz ibiltzen naiz mota guztietako obra handien proiektuak eztabaidaren plazara ekartzen direlarik. Milaka jenderen joan-etorriak aisatu dituzte Leitzarango lau erraiek. Haiek gabe, basamortu ekonomiko eta soziala lirateke gaur egun Larraun, Lekunberri edo Leitza aldea. Itoizko urtegiarekin, kontrara gertatzen da. Agoitz inguruari ezarri dion arrisku objektiboaz gain, haren erruz inoiz baino basamortuago dira Artzibar eta Longida. Erriberako nekazaritzari ekarriko dizkion onurek, gainera, nekez berdinduko dute presaren eraikuntzan eta oraingo kanalean xahutzen ari diren dirutza.
Aroztegiko proiektuaren inguruan Baztanen piztu den auziak, berriz, ez zerurako ez lurrerako nauka. Gisako egitasmo handiekiko mesfidantzak ez dit ahantzarazten Baztanek eta, oro har, Nafarroako mendialdeak duten bulkada beharra. Tamalez, aziendak, landetxeak eta bentak ez dira aski urtez urte gazteriaz hustuz doan eskualdean.
Nonbait, euskara galduan aterako da Aroztegiak aitzina eginez gero. Litekeena da. Burdin Arotik, seguru aski, aldaketa sozio-ekonomikoek eragin izan diote gure hizkuntzaren egoerari. Hain zuzen ere, euskararen miraria da nola hartu ahal izan dien gaina aldaketa horiei, gaurdaino bederen.
Arnasguneen kontzeptua oso maitea du egungo euskalgintzak. Gure lurralde liberatua. Euskaldunik baizen ezten lekhua. Infernu diglosikoan bizi garenondako, zerua. Arriskutsua deritzot, ordea, halako tokiak erreserba naturalak balira bezala zaintzeko eta bertako biztanleak galtzeko zorian dauden espezieen gisa tratatzeko nahikeriari.
Ulertzekoa da turismo masiboak euskaltzaleen baitan sorrarazten duen kezka. Iparraldeko eredua ez da gogo-pizgarririk hoberena. Zorionez, baditugu bertzelako adibideak. Zarautz eta Lekeitio euskaldunagoak lirateke turismorik gabe? Euskalduntasuna, beren ADNan itsatsita eraman ez ezik, milaka kanpotarri eskaintzen diote, hondartzarekin eta ostalaritzarekin batean, diru iturri.
Karlistek mundu berriaren kontrako hesia zelako maite zuten euskara. Lehenbiziko nazionalistak ere ez zebiltzan pentsamendu horretatik urruti. Horren ifrentzuan, euskaldun aunitzek miseriarekin, atzerapenarekin eta bazterkeriarekin lotu izan dute beren hizkuntza. Inork ez luke hautatu behar aurrerapena edo euskara, bizi-maila edo euskara, lana edo euskara, etxe erosoa edo euskara, mundua edo euskara. Gure hizkuntza galduan aterako da beti.
Baztanek Aroztegiari ezetz erran behar badio, izan dadila ingurumenari kalte egiten diolako, langabezia konponduko ez duelako edo/eta golf-jokalaririk begi parean ikusi nahi ez dutelako. Ez euskarari kalte eginen dion beldurrez. | news |
argia-b802cdb4e259 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2509/liburuak-salbatzeko-su-etena.html | Liburuak salbatzeko su-etena | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-05-29 00:00:00 | Liburuak salbatzeko su-etena
Japonia, 1534ko ekainaren 3a. Hosokawa Fujitaka –Yusai "izen artistikoa" erabiliko zuen aurrerago– jaio zen gerra zibilen garai betean, Japonia barne gatazka amaigabeetan ahultzen ari zela. Garai onak ziren borroka lanbide zuten samuraientzat, eta Hosokawaren gerlari dohainak baliatu zituzten, lehenik, Ashikaga dinastiako azken shogunek eta, aurrerago, Oda Nobunaga daimyo konkistatzaileak eta haren oinordeko Toyotomi Hideyoshik. Horrez gain, te zeremonian maisua, kaligrafo aditua, historialaria, poeta, margolaria, filosofoa, arte bildumagilea... ere bazen.
XVI. mendearen amaieran, Yusai zaharra Tango probintzian zeuzkan lurretara erretiratu zen. Baina bakeak gutxi iraun zuen; 1600ean gerra berriro piztu zen. Japoniako agintari nagusi Toyotomi Hideyoshi hil zenean, inperio batu berria bitan banatuta geratu zen: Toyotomitarren aldekoak, ekialdekoak, batetik; mendebaldekoak, Tokugawa Ieyasu boteretsuaren aldekoak, bestetik, Hosokawa familia barne. Klan nagusi guztiek batzuen ala besteen aldeko hautua egin behar izan baitzuten.
Tokugawak irabazi zuen azken gudua Sekigaharan. Baina horren aurretik, Toyotomiren 15.000 soldadu Tangon sartu ziren eta Yusai bizi zen Tanabe gaztelua setiatu zuten. Samurai beteranoak 66 urte zituen, eta gotorlekua defendatzeko 500 soldadu besterik ez.
Halako nagusitasuna izanda, gaztelua hartzea lan erraza zirudien mendebaldekoentzat. Baina inperioan miresmen eta errespetu handia zioten Yusairi, baita arerioek ere. Eta ez zuten ahalegin handirik egin samurai jakintsua mendean hartzeko; kanoiak kargatzea "ahaztuta", jaurtigairik gabeko salbak baino ez zituzten botatzen harresien kontra. Hala ere, Yusairen ohorea eta lurrak ez ziren arriskuan zeuden bakarrak; Hosokawak balio ikaragarriko arte bilduma eta liburutegi zabalak zituen.
Izkribuak eta artelanak salbatzeko eskatu zion enperadoreari berari eta Go-Yōzeik (1586-1611) baietz esan zion gerlari poetaren erreguari. Hala, bi alderdiek su-etena adostu zuten literatura eta arte altxorra ebakuatzeko.
Baina Japoniako 107. enperadoreak baldintza bat jarri zuen: liburuekin batera Yusai bera ere salbatu behar zen, haren bizitza bilduma bezain baliotsua zelako. Amore eman eta gaztelutik alde egiteko agindu zuzena eman zion. 1600eko urriaren 19an errenditu zen Hosokawa Fujitaka. Bizitzako azken hamarkada Kyoton emango zuen, gerra kontuak baztertuta eta hainbat alor artistiko lantzen.
Enperadorearen agindu ukaezinak samurai ohorea galarazi zion Hosokawa Fujitakari. Baina bere liburutegia salbatu ahal izan zuen eta, gainera, setioak iraun zuen hilabeteetan 15.000 etsairi gaztelu atarian eutsita, ekialdeko bandoari asko erraztu zion gerra irabaztea. | news |
argia-235dcb75f1d2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/ardoa-ilargitan.html | Ardoa ilargitan | Jakoba Errekondo | 2018-03-11 00:00:00 | Ardoa ilargitan
Nekazaritza ekologikoa puri-purian den honetan, biodinamika oinarri duen nekazaritzan ekoitzitako ardoek bereganatzen dituzte gero eta sari gehiago. Ikuskizun da mahats ardoetan bezala ote datorren sagardo, udareardo, garagardo eta abarretan.
Ardogintzan asko ikertzen ari da lurra aberastea eta zeruaren eragin integrala oinarri dituen nekazaritza hau. Ardoak ematen du, eta, zenbat eta naturalago, eta gehiago emango du: osasuna bezala txanpona. Frantzia da ikerketa mota horren lurralde aitzindaria. Diru asko mugitzen da han mahastietan eta botiletan... Azken beltzean, unibertso handiaren barruan dagoen mikrokosmoa den planetan dagoen mikroagoa den kosmosa da mahastia. Bizitzaren zikloa ulertu eta gai organiko eta naturalak soilik erabiltzen dira.
Ilargia zein konstelazioren aurrean dabilen, ez omen du eragin bera sortzen. Lau multzotan banatzen dira egun horiek: sustrai, hosto, lore eta fruitu egunak.
Ilargia lurraren elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean denean (Taurus, Birjina eta Caprikornius), sustrai egunak dira. Landareak sustraiak abantailatzen ditu, eta ardoan ñabardura tanikoak eta ezaugarri mineralak indartuko dira.
Ilargia uraren elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean (Karramarroa, Eskorpio eta Arrainak) denean hosto egunak dira. Hostoak abantailatzen ditu landareak. Ardoan landare lurrunak indartzen dira; ardo zuri batzuetan bereziki interesgarria.
Ilargia airearen elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean denean (Bikiak, Libra eta Aquarius), lore egunak dira. Landarean loreak sustatzen dira; ardoan ere loreen ñabardurak aitzinatzen dira.
Ilargia suaren elementua ordezkatzen duten konstelazioen parean denean (Aharia, Sagitarius eta Lehoia), fruitu egunak dira. Fruitua bizkortuko da batik bat landarean. Ardotan ere fruituei areago igarriko zaie, baita lur sail bakoitzaren ezaugarri bereiztaileei ere | news |
argia-9f8d250fef32 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/emakumeen-pobrezia.html | Emakumeen pobrezia | Mikel Zurbano | 2018-03-11 00:00:00 | Emakumeen pobrezia
Soldataren eta lanaren eremuko genero arrakalaren ebidentziak nolabaiteko presentzia mediatikoa eta soziala lortu du azkenaldian. INEren arabera (Espainiako Estatistika Institutua) aldi baterako kontratuen ia hiru laurdenak emakumeek betetzen dute Espainiako Estatuan. Halaber, iturri horrek emandako datuek erakusten dute 2014an Nafarroan soldatapeko emakumeek gizonek baino %30 gutxiago irabazten zutela eta Hegoaldeko gainerako lurraldeetan %24 gutxiago. Aldiz, pobreziaren arloko genero arrakala bistakoa den arren neurtzeko zailtasunak daude. Pobreziak emakume aurpegia du, baina hori egiaztatzea ez da lan erraza.
Pobreziaren estatistiken arloan genero perspektiba oso gutxi landu izan da. Estatistika ere gizonen eremua den heinean ez da harrigarria pobreziaren neurrietan genero profila ezkutuan izatea. Emakumeek soldata zein pentsio apalenak edo langabezia tasa garaienak dituzte Espainiako Estatuan, baina pobreziaren arrisku indize ofiziala antzekoa da gizon zein emakumeentzat. Halere, datu ofizialak eta errealitatea ez datoz bat. Estatistiketan etxeko eremua eraikitzeko moduan dago amarrua. Erakunde gehienek batez bestekoak aintzat hartuta eraikitzen dituzte familia estatistikak. Baina, familia batean berezko sarrerarik ez duenak zaila du sarrerak modu ekitatiboan eskuratzea. Gainera, etxeko lanen eta denboraren banaketa desberdintasunean oinarrituta egiten da, batik bat generoa eta adinari dagokionean.
Emakumeek soldata zein pentsio apalenak edo langabezia tasa garaienak dituzte Espainiako Estatuan, baina pobreziaren arrisku indize ofiziala antzekoa da gizon zein emakumeentzat. Halere, datu ofizialak eta errealitatea ez datoz bat. Estatistiketan etxeko eremua eraikitzeko moduan dago amarrua
Horrela, emakume eta gizonen diru sarrerak bereizten direnean emakumeen egoera okerra bistaratu egiten da. Ez da ohikoa, baina, adibidez, Bartzelonako Udalaren Ikerketa eta Analisi Sozialaren aldizkariak bide hori erabili du. Azterketa horretan erakusten da Katalunian emakumeen pobreziaren arrisku indizea %50 inguruan kokatzen dela eta gizonena aldiz, %24an.
Pobreziaren arloan genero arrakala ezkutuan uzten duen beste arrazoi bat pobreziaren neurria bera da. Izan ere, pobrezia neurtzeko diru irizpidea bakarrik kontuan hartu ohi da estatistika ofizialetan, pobreziak izaera multidimentsionala duela ahaztuta. Txirotasun egoerak aztertzeko errentaren zenbatekoa ez ezik ezinbestekoa da ondoko faktoreak ere aintzat hartzea: aberastasuna eta ez soilik errenta, kontsumorako aukerak, lan intentsitate apala eta langabeziaren eragina, desberdintasun indizeak edo politika publikoek zein zerbitzu publikoek zaurgarritasunaren aurrean eskaintzen duten babesa.
Are gehiago, oso predikamendu eskasa duten arren, denboraren gaineko autonomia eta eskuragarritasuna ere giltzarriak dira txirotasunaren ikuspegi integrala eraikitzeko. Horregatik, hitz egiten da denboraren pobreziaz gaur egungo gizarte oparoetan. Denboraren txirotasunak erakusten du pertsona batzuk bere lana –ordaindua izan ala ez–, ikasketak edo beste oinarrizko zeregin batzuk egin ondoren ez dutela denbora nahikorik, adibidez, deskantsurako edo aisialdirako. Egoera horrek ahalbidetzen du genero desberdintasunen arloko etxeko egoeren azalpena, bestela oso diagnostiko zaila duena. Halaber, denboraren pobreziak zainketa lanak eta bestelako lanen arteko bateragarritasunaz informazioa eskaintzen du. Finean, bere rol anitzak tarteko emakumeak agortze sozialaren arriskuaren aurrean noiz egon daitezkeen detektatzen laguntzen du denboraren pobreziaren kontzeptuak ere.
Horrenbestez, argi dago genero ikuspegia era oso mugatuan barneratzen dela estatistika ofizialen eta analisi ekonomiko zein sozialen eraikuntzan. Eta aipatutako gabezia honek emakumeen pobreziaren errealitate gordinagoa ezkutuan uzten du. | news |
argia-c4133eed517a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/lgtbifobiaren-behatokia-sortu-eta-lgtbi-errealitatearen-diagnostikoa-eginen-du-iruneko-udalak.html | LGTBIfobiaren behatokia sortu eta LGTBI errealitatearen diagnostikoa eginen du Iru�eko Udalak | Euskalerria irratia | 2018-02-27 00:00:00 | LGTBIfobiaren behatokia sortu eta LGTBI errealitatearen diagnostikoa eginen du Iru�eko Udalak
Harrotu LGTBI zentroa eta LGTBI kolektiboentzako diru laguntzak garatu zituen iaz lehenengo aldiz udalak. Aurten, abiatutako egitasmoak martxan mantentzez gain, berriak hasiko ditu.
LGTBIfobiaren behatokia; LGTBI errealitatearen diagnostikoa, gerora plana garatzeko; LGTBI erasoen kontrako protokoloa; eta Espainiako Estatuko LGTBI jardunaldiak hartzea. Horiek dira 2018an Iruñeko Udalak LGTBI kolektiboen eskubideen defentsan bere eginen dituen egitasmo berriak. Dena, hiru ardatzen bueltan: gobernatasuna, LGTBI pertsonen ahalduntzea eta LGTBIfobiaren desagerpena.
Era berean, iaz jarritako ekimenekin aurrera segiko du udalak: sexu eta genero aniztasunari eskainitako Harrotu zerbitzua mantenduko du, diru-laguntzak izanen dira eta LGTBI foroek indarran mantenduko dituzte.
Noizean behineko ekintzak ere izanen dira, esaterako, Zinegoak jaialdiaren Iruñeko emankizunak, nazioarteko egunen ingurumariko ekitaldiak, formakuntza ikastaroak eta saioak, LGTBI memoria berreskuratzearen aldeko ekimenak... 2017an hasitako lana "egonkortzea eta bermatzea" dute xede 2018rako, Laura Berro Berdintasun eta LGTBI zinegotziak esan duenez.
Harrotu, harrotasunez arrakastatsu
Ezbairik gabe arrakastatsua izan da Harrotu zentroaren hasiera: lehengo sei hilabeteetan, 1.287 artatze egin ditu eta 1.300 lagun bertaratu dira antolatutako ekintzetara. Berroren esanetan, Iruñeko Udala "otik 100era" pasa da LGTBI errealitateari dagokionez, eta gogorarazi du UPNren garaietan ez zela kolektibo honentzako politika zehatzik existitzen.
Bi funtzio betetzen ditu Harrotuk: batetik, Informazio eta Arreta Zerbitzua; eta, bestetik, kolektiboei irekitako gunea izatea.
Haren lana zenbakitan ere ikus daiteke. Eskakizunen kasuan, %64'3a informazio eskaera izan da; %21a sexologia kontsultak eta %14'7a liburutegiaren eta mediatekaren erabilpena.
"LGTBI eragileen, herritarren eta instituzioen lanaren aliantzatik, LGTBIfobiarik gabeko gizartea lor daiteke", adierazi du Berrok.
Elkarrizketa hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu. | news |
argia-fca9dc45d006 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/milioi-bat-lagunek-monsantoren-eta-bayerren-arteko-hitzarmena-etetea-eskatu-diote-europako-batzordeari.html | Milioi bat lagunek Monsantoren eta Bayerren arteko hitzarmena etetea eskatu diote Europako Batzordeari | Miren Osa Galdona | 2018-03-01 00:00:00 | Milioi bat lagunek Monsantoren eta Bayerren arteko hitzarmena etetea eskatu diote Europako Batzordeari
Laborantza-industrian egin den inoizko akordiorik handiena gelditzeko eskatu diote milioi bat lagunek Europari: Monsanto eta Bayer enpresek indarrak batuko dituzte galarazi ezean. Hazi transgenikoen eta industria farmazeutikoaren arteko lotura 2016tik datorren arren, azken urteotan sortu du zalaparta handiena.
El Saltok jaso duenez, YouGob taldeak egin duen inkesta berri batek jarri du auzia mahai gainean. Alemania, Danimarka, Frantzia eta Espainiako herritarrei bi potentzien arteko hitzarmenari buruz galdegin die. Espainiar Estatuko datuak adibide gisa hartuta, galdeketan parte hartu dutenen %69k uste du kezkagarria dela Monsanto-Bayer fusioa eta Europak esku hartu beharko lukeela. Apirilaren 5ean da Europa erabakia hartzekoa.
Plataforma digital bidezko sinadura bilketak jada milioi bat atxikimendu lortu ditu. Pestizidek erleen hilketa areagotu dezaketela eta herritarren elikaduran ondorio kaltegarriak izan ditzakeela nabarmendu du SumOfUs erakundeak. "Glisofato toxiko gehiago egongo dira gure plateretan Monsanto eta Bayer batzen badira. Hau da, gure osasunarentzat txarrak diren substantzia gehiago irentsiko ditugu. Gainera, gure janariaren gaineko kontrol korporatiboa jasanezina bihurtuko da". Gizarte zibileko 200 erakundeek ere aldarrikapena babestu dute. Bi potentzien arteko loturak nekazaritzan onurak baino arazo gehiago sortuko dituela azaldu dute eskutitz batean.
Enpresok dituzten politikak osasunarentzat kaltegarriak direnez, ongizatearen baitakoak dira arrangura gehien sortzen dituzten arloak. Hala nola, nekazariek euren lurren gain duten erabakitzeko gaitasuna galtzea, ingurumenean sor ditzakeen kalteak, igorritako pestizida kopurua eta kontsumitzaileen askatasuna murriztea.
Europako Batzordeak hitzarmena baimenduko balu, nekazaritzaren sektorean ohikoa bilakatzen ari den ildo bat sendotuko litzatekeela salatu dute hainbat erakundek, dakartzan ondorio guztiak aintzat hartuta. Izan ere, jada 60ko hamarkadan, bi potentzien arteko batasunak kalte larriak eragin zituen. Mobay Chemical Corporation enpresa AEBetako Defentsa Sailak kudeatzen zuen eta bertan ekoizten zuten gas kimiko bat erabiliz 400.000 lagun hil zituzten Vietnamgo gerran. | news |
argia-77782b7c6a77 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/apustua.html | Apustua | Koldo Aldalur | 2018-03-11 00:00:00 | Apustua
Edozein negoziaziotan, mahaian eseri aurreko barne hausnarketak oso garrantzitsuak direlakoan nago. Tartean daudenen indarrak neurtu behar dira, eta noraino iristeko prest zauden garbi izan. Gero eginaz, esanaz, eta batik bat sinatuaz damutzeak galtzaile bihurtuko zaitu, eta botatako seinaleak galtzeak duintasuna ere galtzen ari zaren sentsazioa ekarriko.
Ez naiz ari Kataluniako egoera politikoari buruz, Iker Vicentek eta Xabier Orbegozo Arria V.ak apirilaren 8an jokatuko duten aizkoljokoari buruz baizik.
Behin, niretzat herri kirol kontuetan jakintsuena zen Esteban Saralegiren etxeko aldaba jo nuen, eta badira hark arratsalde euritsu hartan oparitutako bi esaldi ahaztuko ez ditudanak. Lehenengoa: "Pertsona zuhaitzaren antzekoa da, gaztetan azala biguna eta barrua sendoa, eta zahartzean azala takarra eta barrua biguna. Eta bigarrena: "Apustuak mahaian irabazi behar dira".
Moja bati, denen begi-bistan, eskuarekin hartuta esparrago lodiak ahoan sartzeak matrailak gorritzen zaizkion bezala, niri ere, lotsa ematen dit maisu jakintsuari kontra egitea, baina, nire iritzian, apustuak mahaian eseri aurretik erabaki ohi dira, eta ez beti behin mahaian aurrez aurre eseritakoan.
Cantabrico tabernako zitara postura ezberdinean heldu ziren Otsagabiakoa eta Errezilgoa. Azken honen gertukoek lau haizetara zabaldu zuten aurreko asteetan apustua nahi zutela. Herri kirol zaleren batzuek "nahi" baino gehiago "behar" ulertu zuten, eta hori ez da komenigarria izaten mahaian baldintza hoberenetan eseri nahi duenarentzat.
Iker Vicentek hiru proposamen eraman zituen mahaira, nahiz eta enbor handienekoa berak ere ez zuen gustukoa. Haren segidakoa onartuko ziotela ziur zegoen eta, ustez bederen, apustua egiteko halako premiarik ez zuenez, bazekien berea onartu beharko zutela arriatarrek , elkarri bostekoa eman nahi bazioten behinik behin.
Azkenean, errezildarrak hamabi kanaerdiko plazaratuko ditu, eta otsagabiarrak hirurogei ontzako zortzi pago enbor.
Hala ere, indarrak parean daude. Gazteak eskura izan zuen iaz Euskal Herriko txapela. Beteranoa bere goitizenaren jabe da, harria baino gogorragoa, saiatua, eta ordubete inguruko lana egiteko unerik hoberenean dago azken apustuak irabazita. Biek dakite plaza zer den, baina gazteak ez daki apustua zer den.
Xabierren aitak, Arria II.ak, behin esan zidan jende aurrera ateratakoan apustua jokatzera praka barrenak dantzarik egiten ez badu hor aizkolaririk ez dagoela. Aizkolarienak ez ezik, aizkorazale askoren galtza barrenak ere ederki mugituko dira epaileak haserako txistua jotzen duenean. Itxura ikaragarria du. | news |
argia-2d7a0a1af1de | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/emozioen-notak.html | Emozioen notak | Dabi Piedra | 2018-03-11 00:00:00 | Emozioen notak
Mikel Gorosabel, Nortonen kontzertua. Saio Linbikoak zikloaren baitan, otsailaren 21ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian.
Mikel Gorosabel, Norton, nagusiki EH Sukarrarekin lotzen dugunok ez gaude ohituta haren musika eserita eta geldi entzutera. Horregatik eskertzen ditugu Saio Linbikoak zikloaren barruan Bilboko Bidebarrieta liburutegian antolatu zen emanaldiaren gisakoak. Gitarra soilaz lagunduta, Nortonek bere sentimenduak agerian utzi zituen ordu eta erdiko saio intimoan.
Horixe da, hain zuzen ere, Saio Linbikoen helburua, alegia, emozioak azaleratzea, barruko sentsazioak nota musikalen bidez adieraztea eta publikoari hurbil-hurbiletik helaraztea. Musika, literatura eta sentimenduak, beste osagairik ez dute behar saiook. Osagai guztiak ondo nahasteko, zer kontatua duen artista bat oholtzan egoteak asko laguntzen du.
Nortonen emanaldia, batik bat, beldurraren sentipenari lotua izan zen. Bakarka atera duen lehen diskoan, Barne basoan barna izenekoan, beldurrek pisu handia dute. Nortonek sortutako doinuei hitzak jartzen hamaika euskal idazle aritu dira eta, beraz, bakoitzak bere barruko ikarak azaleratu ahal izan ditu: iluntasuna, kartzelan sartu beharra, egunerokoari aurre egitea... nork bere arrazoiak ditu.
Baina ez pentsa besteen beldurrak entzuten pasa genuenik iluntzea, psikologoarenean egongo bagina legez. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, abesti mitiko asko pilatu ditu Mikel Gorosabelek eta haietako batzuk aukeratu zituen emanaldiaren lehen zatirako. 1990eko hamarkadan Asier Serrano lagunarekin batera abiatutako Lorelei taldearen zenbait pieza ezagun ( Bada hiri gorri bat, Ophelie Parisen ...) eta EH Sukarraren beste batzuk tartekatu zituen. Bereziena, agian, Gure lorategian izan zen, Nortonen semea jaio zeneko maitasunean oinarritu baitzen berau sortzeko, azaldu zigunez.
Barne basoan barna laneko zenbait pieza etorri ziren gero, beldurren inguruko doinu intimo baina indartsuak. Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Lutxo Egia, Gotzon Barandiaran, Leire Bilbao eta abarren hitzak Nortonen ahotsean entzutea plazera izan zen. Bukatzeko, Lorelei eta EH Sukarraren garaietara bueltatu ginen. Hori gutxi ez, eta saioko aurkezleak Jasone Osororen 12etan bermuta eleberriko pasarte batzuk irakurri zituen, Nortonek egindako bi atsedenaldi laburretan.
Eserita eta geldi entzuteko kontzertua izan zen, Bidebarrietako aretoko besaulkien erosotasunean goxo-goxo. Baina ezin da ukatu disko berriko zein iragandako sasoietako zenbait abesti Nortonen ahotik entzunda, gorputz atalen batekin, demagun sorbaldarekin edo hankarekin, erritmoa segitzeko beharra etorri zitzaigula bati baino gehiagori. Sentimenduak errazago azaleratzen baitira musika onaz lagunduta. | news |
argia-11b211f630a0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/audience.html | Kubatik ekarritakoaren isla | Xalba Ramirez | 2018-03-11 00:00:00 | Kubatik ekarritakoaren isla
20 urte betetzera doa Audience talde gernikarra. Estilo ugaritatik bidaiatuak, oholtza gainean batetik bestera ibiltzen dira, instrumentuak aldatuz. Esperientzia lagun, beti beste salto bat egitera ausartzen da taldea. Oraingo honetan Kubatik ekarri dute euren zortzigarren lana den Isla, Kaki Arkarazoren gidaritzapean ekoiztua Habanan.
Duela urte batzuk Andoaingo Garate estudioan Kaki Arkarazok bota zien proposamena gernikarrei: Kuban duela hilabete batzuk Amparanoiarekin aritua zela, eta euskal talde batekin joatekotan Audiencekoak iruditzen zitzaizkiola aproposenak. Taldeak 2016an izandako aldaketen ondoren zerbait berezia egin nahi zuten eta hibernatzen egondako ideia berrartu zuten.
2017ko apirilean Silvio Rodriguezek sortutako Abdala estudioetan grabatu zituzten Isla osatzen duten hamaika kantak. Bertako musikariek ukitu berezia eman diote lanari, baina ez dute disko latinoa egin. Audiencen rock librea da nagusi, kubatar zaporeekin.
"Askotan esan dugu ez dugula hara joan nahi turisten disko bat egitera", dio Ager Insunzak. Kubako musikari handiekin elkartu, eta nahasketa egin nahi izan dute: batzuk rockera mugitu eta besteak erritmo latinoagoetara, bien arteko nahasketa emanez.
Material eskasia ikusi dute Kubako estudioan eta horrek beste modu batera lan egitera eraman ditu
Hiru kantatan nabarmenagoa den arren, Yaroldi Abreuk perkusioak sartu ditu ia abesti guztietan piezei ukitu berezia emanez. Alejandro Delgado tronpeta joleak vibrato handiko une goxoak eraikitzen ditu Egun da Bayamon eta Egunsentia Habanan kantetan. Osanay Martinez abeslariak El tres, el quinto y el tumbao -ren moldaketa batzuk proposatu zituen, eta lehen hartzean, atera bezala grabatu zuen ahotsa. Soka sekzioarekin lan pixka bat gehiago egin behar izan zuten dena koadratzeko, baina sotil bezain eder diren konponketak daude, batez ere Nork jakin kantan. "Beatles-en Eleanor Rigby dirudi", dio Gaizka Insunzak.
Ruben Garaterentzat esperientzia ikaragarria izan da. "Delgado etorri zen, eguzkitako betaurrekoak kendu gabe kabinako sofan etzan eta kantak entzun zituen. Halako batean gelan sartu zen ezer esan gabe, eta bi hartzetan bi kanta grabatu zituen. Kakik berak esaten zuen urtetan ez duela horrelako grabaketarik egin".
Konfort eremutik ihes egiteko joan ziren Kubara, besteak beste; eta han, sozialismoan hezitako musikariekin topo egin zuten, "kultura bizitzeko modu erabat ezberdina" dutenak. "Zaila da maila horretako musikariak hemen aurkitzea", azaldu du Ager Insunzak, "sozialismoaren bertute eta miseriez" hitz egiterakoan.
Izan ere, material eskasia ikusi dute. Hemen ohituta daude estudioan hamar anplifikadore eta nahi beste gitarra edukitzera. Han berriz, bi anpli eta bi gitarrarekin konformatu behar zuten, zegoenarekin alegia. Gitarraren sokak aldatzea ere luxua da uhartean: " Usted lo que es, es un capitalista " ("zu kapitalista zara"), esan zion beraiekin aritu zen gitarra-jotzaile batek, sokak puskatu aurretik aldatzeagatik. "Egoera horrek lagundu digu musika beste modu batean garatzen eta soinuan antzematen da". Esperientzia musikalaz gain, bitalaz hitz egin dute taldekide guztiek.
Gaizka Insunza: "Esperimentu txiki bat egin dugu"
Baina prozesuan dena ez da erraza izan. Kubatik itzultzen ari ziren hegazkinean krisi moduko bat izan zutela aitortu du Ager Insunzak: "Ez genekien nola antolatuko genuen materiala, bi disko ateratzekotan izan ginen". Garateren esanetan, "azkenean bidaia bat bezala planteatu genuen diskoa. Audience hasten da, lurra prestatzen edo. Laugarrenean tronpeta agertzen da eta horren ostean hiru kanta latinoenak daude; eta ondoren diskoa berriro rockera doa. Beraz Audience hasten da, Kubara doa, eta berriz itzultzen da. Hori da diskoaren zentzua".
Gaizka Insunzak oso argi du: "Elkarrizketak egiten ditugunean eta diskurtso bat adoptatzen dugunean, koherentzia hartzen du eta publikoak pentsatzen du dena aspalditik pentsatua zegoela. Baina dena prozesuan gertatzen da. Estudioaren bezperan bi kanta berri sartzea erabaki genuen, diskoan klabeak direnak".
Aurrera begira erritmo latinoetan sakonduko ote duten galdetuta, argi dute: "Marka horretatik ihes egin behar dugu. Esperimentu txiki bat egin dugu, baina ez gara mundu horren parte. Hurrengoan ez dakigu zer egingo dugun, baina Isla -k oraindik asko du emateko. Industrian badirudi disko bat atera eta bi hilabetera ahaztu egiten dela, eta beste zerbait eskaini behar duzula. Baina 20 urte daramatzagu guk, gauzak beste modu batera egiten, diskoak lehen bezala pentsatu eta grabatzen. Jendeari konpromisoa eskatzen diogu. Agian merkatuaren kontra goaz, baina merezi du".
Bidehutsen ateratako zazpigarren erreferentzia honekin, zigiluan lan gehien atera dituen taldea dira. Musika ulertzeko ereduak batzen ditu: "Gu bezalako proiektuek –dio Gaizka Insunzak–, merkatuari begira ez daudenek, musikari baizik, sorkuntzari… mugak baino ez dituzte. Baina guretzat bizitza froga bat da. Gainera, nik uste dut gaur egun guk egiten dugun musika egitea dela gizartearekin eduki dezakezun konpromisorik handiena. Egiten dugun moduan egitea dela egin dezakezun gauza iraultzaileena, maite duzun musika egitea 20 urtez eta segi, nahiz eta merkatuak ez kasu egin. Zuk nahi duzuna egin, merkatuari kasurik egin gabe".
Ingelesez abesten duen euskal taldea da Audience. Ion Andoni del Amok , Party and Borroka liburuan aipatzen du ingelesa maskara bat dela eurentzat, distantzia bat euskaraz esango ez luketena esateko. Gaizka Insunzak berresten du: "Eszenatokira igotzean antzerki bat egiten ari gara, eta niri laguntzen dit paper horretan sartzen. Hala ere, ia oharkabean egindako hautu estetiko bat da. Gure erreferenteengatik bai, baina baita soinuagatik ere". "Nik ez dut talde euskaldunagorik ezagutzen, euren egunerokoa euskara hutsean egiten baitute", dio Igor Ertzilla teknikariak.
Euskal musika definitzerako orduan ere, agian, eszenatokiaren atzealdeari begiratu beharko genioke, hor behean gertatzen denari. Nondik, nora eta zertarako abesten den. Eta nork entzuten duen eta zertarako. Audiencek euskal entzuleak konfort eremutik atera eta espazio berriak deskubritzera eramaten ditu. Eta agian euskal kulturarentzat interesgarriagoa da konfort horretatik ateratzen gaituen musika, landua, jasoa, arriskatua eta zintzoa, plastikozko musika bat baino, hau euskaraz egina bada ere. | news |
argia-010addb5cb59 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/emakumeen-borroka-luze-eta-gogorra.html | Emakumeen borroka luze eta gogorra | Juan Mari Arregi | 2018-03-11 00:00:00 | Emakumeen borroka luze eta gogorra
Emakumeen borroka, gizonen eskubide berak izan eta berdintasunezko jendarte baten alde, ez da gaur egungoa.
Erdi Arotik emakumeak saiatu dira gizonen esplotaziotik libre izaten. XIV. mendeko Europako nekazal matxinadak aipa ditzakegu, edo XVII. mendetik XIX.era Iparramerikan eta Ingalaterran zabaldu ziren ehungintzako grebak –langileak 20 urterekin hiltzen ziren lan baldintza txarrengatik–. Ezin ahaztu Frantziako emakume komuneroak, edo zigarrerak, pospologileak, zirgalariak eta espartingileak, Euskal Herrian, Katalunian nahiz Andaluzian. Eta berrikitan Bizkaiko zahar-etxeetako greba eredugarria izan dugu. Emakumeek borroka luze eta gogorra mantendu dute. Ehunka urte geroago, behin-behineko hobekuntza txiki batzuk izanik ere, esplotazioak eta desorekak irauten du.
Soldata arrakala izugarria da: gizonek batez beste 5.982 euro gehiago irabazten dute emakumeek baino –urtean 25.727 euro, 19.744 euroren aldean–. Arrakala handitu egiten da jubilazioagatiko pentsioen kasuan: emakumeek hilean 742 euro jasotzen dute batez beste, gizonek aldiz 1.197. Datu politiko bat: Espainiako Kongresuan 350 diputatutik soilik 138 dira emakumeak.
Martxoaren 8an greba eta mobilizazioek egoera injustu hori ikusaraziko dute mundu osoan. Diskriminazioarekin hautsiko duten politikak behar dira; mendetasun eta esplotazio sexualarekin amaitu behar da. Horretarako, ezinbestekoa da gobernuetan emakume militanteek eta euren eskubideak defendatuko dituztenek –ez kapitalismo patriarkalaren zerbitzura dauden aldian aldiko Thatcher edo Lagardeek– ordezkaritza zabalagoa izatea. Eta gizonok, politikariak zein ez, emakumeen eskubideen aldeko militante eta aktibista izan gaitezen. | news |
argia-c604c8b81f9c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/aguxtin-errotabehere-la-grande-mutation-liburuaren-egilea.html | "Lur Berri beste molde batez garatu da, euskalduntasunaren aurka zoritxarrez" | Mikel Asurmendi | 2018-03-11 00:00:00 | "Lur Berri beste molde batez garatu da, euskalduntasunaren aurka zoritxarrez"
Baigorriarra. Laborari semea. Laborantza ikasia. Ingeniaria. Amikuzeko Lur Berri kooperatiban aritua. Kazetaria ere bai azken urteetan. Erretretan dago, baina lanean ari. Jean Pitrau, La révolte des montagnards liburu esanguratsuaren ondoren, Jean Errecart, La grande mutation (Elkar) eman du argitara. Amikuze eta Jean Errecart laboraria, sindikalista eta politikaria ezagutzeko baitezpadako liburua.
Jean Pitrau zuberotarra ezagutzera eman zenuen eta segidan Jean Errecart baxenabartarra. Zer harrera izan du bigarrenak?
Jean Errecarten liburuak jakin-min handia sortu du Amikuzen, Jean Pitraurena bezala, nolazpait. Alta, Donapaleun Jean Errecart izeneko eskola dago, eta anitz jendek eta bereziki gazteek ez dakite nor izan zen. Eguneroko bizitza biziki fite doa, gaurko berriek atzokoak estaltzen dituzte. Hedabide berrien gain-informazioaren bitartez gauza asko sartzen digute buruan. Hara!
Gazte garaira itzuli zara nolabait, mundu hura sakonetik ezagutzera eman duzu pertsona hauen bitartez.
Bai. Gutxi edo asko, ene aita Pitrau zalea zen, baita Errecart zalea ere. Hamar urteko diferentzia zuten, eta biek, bakoitzak bere moldean, Euskal Herriaren alde lan egin dute. Abantaila edo xantxa ukan dut biak ezagutu ditudalako amiñi bat. Baina, badago ere aipatzea merezi duen jende gehiago. Konparazionera, Bernard Massondo. Lehenbiziko etxetiarren –maizterrak– borrokak irabazten lagundu zuena. Edonola ere, liburuari eta pastoralari esker orain badakite nor den Pitrau. Espero dut Errecart ere ezagutua izatea, haren espiritua arrunt baztertua izan baita Amikuzen, Lur Berri kooperatiban ia ez da existitzen. Zabalik elkarteak Otsail ostegunak hitzaldi saioen karietara egin duen moduan, tokiko Lizeoan ere merezi luke ezagutzera ematea. Orain arte ez dute deus egin, ordea.
Ezagutu dezagun Jean Errecarten garaia: Amikuzeko Oragarren sortua 1909an.
XX. mendearen hasieran krisi larria izan da Eliza eta Errepublikaren artean, 1905ean Estatua eta Eliza bereizi zituen legea ezarri zen. Eliza kontserbadoreenaren eskuetan zegoen, politikariak ere bere menpeko zituen, eta Elizaren aurka asaldatzen ziren. Gatazka izugarria zen. Eliza erregeen aldekoa izanez, Errepublikaren kontra zen.
Euskal Herrian berriz, Jean Ibarnegaray politikaria jainkoa zen. Hura eta haren jarraitzaileak Errepublikaren kontrakoak ziren arrunt: "Guk zerendako lagunduko ditugu eskola giristinoak, gure kontra mintzo badira?", zioten errepublikazaleek. Hartaz, mundu euskaldunak mundu errepublikanoa galdu du, apezak euskararen aldekoak ziren eta Errepublikaren aldekoak apezen aurka oldartzen zirenez, euskaldunek ez zituzten maite.
Hemen, Elizak dena menperatzen zuen. Sindikalismoa, kooperatibak, hautetsiak edo Herriko Etxeak kontserbadoreen esku zeuden. Jauntxoak ziren nagusi.
Alta bada, II. Mundu Gerlaren ondoren, Elizan mugimendu progresistak izan dira, Le sillon laborari agerkariaren inguruan ari ziren, hain zuzen ere Errecart horren barne zen. Talde progresista batek JAC delakoa (Jeunesse Agricole Catholique) sortu dute. Gazteek eskola hamalau urtez geroztik uzten zuten, ez zuten fitsik formatzeko. Errecartek izugarrizko lana egin zuen. JAC Euskaldun Gazteria bihurtu zen Euskal Herrian. Jean Pitrau ere ondoan aritu zen. Adibiderako, ordura arte sindikalismoa jauntxoen esku zen, haiek ez zuten deus mugitzea nahi. Laborariek sekulako indarra zuten hauteskundeetan, zenbat eta laborari gehiago beren alde izan gero eta errazkiago hauteskundeak irabaztea. Jauntxoek baserria immobilismoan atxiki zuten beren onetan.
Amikuzeko aldaketa handiaren klabeak eman dituzu liburuan, eta horien artean "isilpeko iraultza" gisako izan zela diozu.
Gazte horiek ohartuko dira ezin bizi dela laborantzan. Nekazaritza politika aldatu behar dela, gazte laborariei etxaldeak handitzeko baimena eman behar zitzaiela, legeak eta laborari zaharrak alde batera uzten. Lege batzuek baimentzen zuten zaharrek etxaldearen arranda [errenta edo alokairua] gazteei uztea. Lurrak salgai baziren laborariei lehen aukera ematea erosteko, baita laborariak elkarretaratzea salmentak egiteko eta formazioa ukaiteko. Baina, praktika ez zen batere horrelakoa eta hor hasten da "isilpeko iraultza", nekazaritza politika arrunt aldatu zuena.
Jean Errecartek aldaketa ekartzen lagundu zuen: herriko auzapeza, departamenduko kontseilaria, diputatua eta senataria izan zen.
"Errecart apezgoaren bidea utzita Bordelera doa, eta han, gerla aitzin, burua aldatzen zaio. Faxistekin alimaleko kalapitak izan zituen, anarkistak ezagutu zituen eta bere ikusmoldea arras aldatu zen"
Errecart guti ezagutu dut. Alabak gehiago, bistan da; Maite bereziki. Ikasketak egiten ari nintzela, Lur Berrin egin nuen hiruzpalau hilabeteko ikastaroa. Errecartek bizitza zinez konplikatua zuen: astelehenean Pauen ematen zuen, Parlament de Navarre delakoan. Asteartean Parisera joaten zen gauez, han egoten zen ostegunera arte; ostiralean Donapaleura, Lur Berriko presidentea baitzen. Larunbata ekitaldi ofizialak, igandean familia, meza eta Oragarreko Herriko Etxeko lanak, auzapeza baitzen. Eguneroko horrek ematen digu haren heina.
Lehenago baina, bere ideologian aldaketa gisako bat eman zen.
Errecart laboraria zen egunerokoa bizitzan. Bere ibilbide politikoa sindikalismoan abiatu zuen, Jean Pitrauk bezala. Alta, Errecarten aita Jean Ybarnegarayren jarraitzailea zen. Hura jainkoa zen, Euskal Pilotako Federazioko presidentea, buru ikaragarria, eskuindarra. Errecart hiru otto [osaba] apez zituen familian hazi zen; kontserbadurismoan hezia eta bera ere seminarioan ikasia. Baina apezgoaren bidea utzita Bordelera doa, eta han, gerla aitzin, burua aldatzen zaio. Faxistekin alimaleko kalapitak izan zituen, anarkistak ezagutu zituen, eta bere ikusmoldea arras aldatu zen. Orduan, giristino geldituz betiere, progresismo aldera joan zen kontserbadurismoan gelditu ordez.
Laboraria zen, hori ere gakoa da.
Baita hori ere. Elea baino inportanteagoa zuen ekintza. Ez zen lehenagoko politikariak bezala, hizlari eder trebea, jendeak txalotzen zuena. Errecarteren lema "egin, egin eta egin" zen. Ez zen politikari tradizionalak bezala, berak traktorea hartzen zuen. Laborari jite hori agerikoa da. Ez zen bakarra noski. Erran dudan bezala, Massondo familia hor zen. Etxetiarren aferari buruz lan gaitza egin zuten haren ondoan, sindikalismoan eta etxetiarren alde gogotik borrokatu zuten. Errecart haien bitartez hurbiltzen zen etxetiarrengana.
Laboraria Parisen legebiltzarkide.
Errecart legebiltzarrean ari da, eta ezkerrak eta komunistek –eta gerla ondoren boterean dauden indarrek orobat– bultzada bat eman nahi diote laborantzari, jateko ez baitzen aski, gainera Frantzia lurralde azkarra zen. Errecartek "lehenik jatera eman behar diegu gure herritarrei, baina ez hori bakarrik, mozkinak behar ditugu saldu eta dibisak bildu tresneria erosteko", zioen. Beraz, bere lehenetariko ideia lur berriak egitea izan zen, lur onak baitziren Amikuze eskualdean. Baldintza onetan, ez dohainik, baina laguntza tipiarekin asko erdiesten ahal zela ikusten zuen. Sekulako lur berriak egin ziren orduan, baina ez bakarrik Amikuzen. Iholdi, Bidaxune eta kostaldean ere bai. Hamabost mila hektarea inguru lur berritu edo konpondu ziren. Hori izan zen aldaketa handia, la grande mutation deitua.
Zer izan zen etxetiarren afera?
Etxetiarrek urte bateko kontratua zuten etxeko jabearekin. Artoa ereiten zelarik, "lau lerro nagusiarentzat sei lerro etxetiarrentzat", erraten zen. "Ogia ere [garia] erdi eta erdi", izaten zen. Etxetiarrek ez zuten botere izpirik erabakitzeko. Beraz, egiten zuten guztirako nagusiaren baimena behar zuten. "Lur berriak" egiteaz gain, hori baino gehiago nik uste, etxetiarrak beren lurren jabea bilakatzea izan zen aldaketa handia. Egiari zor, lehenengo nagusien artean denetarik zegoen, onak ere bai, baina baziren benetan gaiztoak, haiek zapaltzen zuten laboraria, laborantza feudalizatzen...
Halarik ere, legeak aldatzea ez zen erraza izango.
1946an, Erresistentziako Kontseilu Nazionalean, alemanak lekutu ondoren, komunistek, gaullistek, MRPko zentristek (Errecarten alderdia) eta progresistek lege andana aztertu zuten. Lege horietako batek zioenez, etxetiarrek jabeari galdetzen badio alokairua (ordura arte, Fermage delako legeak bederatzi urterako finkatzen zuen prezioa) nagusiak eman behar dio aukera hori, edo nagusiak beretako hartu behar du lurra. Hau da, edo etxetiarrak alokatzen du edo jabeak bere gain hartzen du. Euskal Herrian hala ere etxetiarrak asaldatu ziren. Liburuaren azken orrialdeko gutunak dioenez, 20 laborarik izenpetua, nagusi batzuek nahi zuten beretzat lurra atxiki eta etxetiarrak morroi ezarri. Legea hemen biziki poliki aplikatu da, jendeak ez baitzekien frantsesez kasik. Oso nekez asaldatzen ziren jabearen kontra eta emeki joan da aldaketa. Amikuzen beste lekuetan baina luzeago joan da etxetiargotik jabegora pasatzea.
Amikuzeko eta Donapaleuko egungo jendartea ezagutzeko ezinbestekoa da iragana ezagutzea. Nola osatuta zegoen nagusigo hura?
"Eñaut Etxamendik oso hurbiletik ezagutu zuen Errecart. Haren lekukoa hartuko ote zuen zurrumurruak izan ziren. Errecart euskaldun peto-petoa zela dio Etxamendik"
Antzinatik heldu da noblezia hura, gazteluen jabeak ziren. Euskal Herria, Bordele, Paue edo Parisko gazteluen jauntxoak han-hemenka bizi ziren. Nafarroako Erresuma kari, bazegoen auzitegia, jujeak eta boteredunak. Bazegoen ere Donapaleuko burgesia ttipia, komertzianteak. Orduan, baliabideak zituztenek lurra erosten zuten, merkatari anitzek ere hori egin zuten. Baziren beraz, kanpoko nobleak eta lekuko burgesia ttipia. Horrek izugarrizko eragina izan zuen Errecarten bizitza politikoan, Errecartek sekulan ez zuen erdietsi bozen gehiengoa Donapaleun, hiria beti kontra izan zuen. Etxetiarrek ontsa esplikatzen dute hori.
Nola?
Arras menpe zituztelako, laborariak eta bereziki etxetiarrak mespretxatuak izan dira. Lurjabeen errana: "Nire alaba ez da sekula ezkonduko laborari batekin". Donapaleuko hiritarren artean jarrera feudalak oraindik sentitzen dira, laborariekiko begiradan. Amikuzeko soziologia ezagutzeko hipotesi bat emanen dizut: Donapaleuko jauntxoak eta komertzianteak frantximantak ziren, euskal munduaren etsaiak. Egun espiritu hori hor dago. Etxetiarrak menpekoak izan dira, baina hauek ere lorpen ekonomikoa nahi zuten, zerbaiterako balio zutela erakutsi, eta garapen ekonomikoari
eman diote lehentasuna.
Jean Errecarten euskaltasuna gogoratzeak merezi du ere bai.
Otsail ostegunak gure saioaren karietara Eñaut Etxamendi izan zen hitzaldian. Berak oso hurbiletik ezagutu zuen Errecart. Errecart zendu ondoren, Etxamendik haren lekukoa hartuko ote zuen zurrumurruak izan ziren. Etxamendik mintzaldian erran du Errecart euskaldun peto-petoa zela. Errecartek bere idazkietan euskal kultura, euskara eta euskalduntasuna aldarrikatzen zituen hauteskundeetan, eta zaila zen zinez, idazkiak elebitan egiten zituen, garai hartan giroa arras kontra bazen ere.
Enbata mugimenduaren inguruan ibili zen.
1960an sortzen da lehenbiziko euskal mugimendu politikoa: Enbata. 1963an Errecart Itsasun zegoen, Iparraldeko lehen Aberri Eguna kari. Bere suhia Michel Eppherre Enbatakoa zen; Georgette alabaren senarra. Enbataren espiritua, hastapenean, gure nortasunaren eta hizkuntzaren aldekoa, ongi ikusia zen, edo ez hain gaizki bederen. Errecarten alderdikoek (MPR) ongi ikusi zuten. Baina gero, bestaldetik iheslari anitz heldu zen hona, horiek aritzeko beste ikusmolde bat ekarri zuten, indarkeriaren erabileraren eraginez, Errecartek eta ingurukoek "guk ezin diogu horri jarraitu" erran zuten. Indar berri mugimendua sortu zuten. Luzaz iraun ez zuena. | news |
argia-559b8e9cfd3e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/zeliakoak-hesteetako-gaitza-dutenak.html | Zeliakoak, "hesteetako gaitza dutenak" | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-03-11 00:00:00 | Zeliakoak, "hesteetako gaitza dutenak"
Azken mende laurdenean zeliakoen kopurua bost aldiz biderkatu da. Neurri batean, kontsumo ohiturak aldatu direlako, baina, batez ere, orain askoz gehiago diagnostikatzen delako.
Gaixotasuna ez da berria; Areteo Kapadoziakoak (irudian) K.o. I. mendean idatzitako medikuntzako tratatu zabalean atal osoa eskaini zion "afekzio zeliakoari". Izena ere Areteok berak jarri zion: koiliakos edo "hesteetako gaitza dutenak" deitu zien gaixoei.
Greziar medikuaren esanetan, zeliakoek "ez dituzte elikagaiak atxikitzen" eta horren arrazoia "bero natural eskasia" zen. Garai hartan uste zuten urdail barruko "bero natural" hori ezinbestekoa zela elikagaiak xurgatzeko.
Hogeita bi mende geroago, badakigu zeliakoek glutenari intolerantzia iraunkorra diotela. | news |
argia-0518d4c084e7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/errezilen-eta-alegian-etxe-berriak.html | Eraikitzen hasi aurretik euskararen hauskortasuna neurtu dute | Onintza Irureta Azkune | 2018-03-11 00:00:00 | Eraikitzen hasi aurretik euskararen hauskortasuna neurtu dute
"Errezilen etxe gehiago egingo direla, eta zer? Euskara ahultzeko beldurra? Baina gu beti izan gara euskaldunak eta hala izaten jarraituko dugu". Ez dugu errezildarraren ahotik entzun esaldi borobil hori, baina izan zitekeen, halakoxea baita aldartea biztanle berriak etorriko badira ere euskal komunitatea arriskuan ikusten ez denean. ARGIAk Xebero Agirretxe herriko alkatearekin, Nekane Zinkunegi zinegotziarekin eta Arritxu Zelaia hizkuntza aholkulariarekin hitz egin du. Hirigintza plana eta euskara zaku berean sartu dituzte eta "bonbilla piztu " zaie. Alegian beste hainbeste egin du Inhar Agirrezabal arkitektoak, lantalde zabala ondoan duela.
UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, egin du akuilu lana Errezilen. HAPOa (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) prestatzen ari zirela jakin zuen UEMAko teknikariak eta euskara zinegotziari eta alkateari esan zien momentu aproposa zela ELEa egiteko, hau da, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Ez zuten ezagutzen hirigintza plan batek herrian izan zezakeen eragin linguistikoa neurtzeko tresna, baina bitan pentsatu gabe baietz esan zuten.
Hirigintzak eta euskarak nolako lotura izan dezaketen ez zuten hausnartuta. Errezilen %89,33k euskaraz daki eta erabilera %94,10ekoa da. Zinkunegi zinegotziak horrela dio: "Halako kezkarik ez genuen, zentzu horretan nahiko erlaxatuta bizi gara. Euskaldunak izan gara eta izango gara, hori bermatzeko ezeren beharrik ez daukagula pentsatu izan dugu". Agirretxe alkatea paretsu aritu da: "Kale bat nola urbanizatu, etxebizitzak banaka egin, blokean, denak batera edo lehenengo batzuk eta tarte batera besteak... Kontu horiek euskaran eragina izan dezaketela? Horrelakorik ez genuen uste".
Zelaia hizkuntza aholkulariak Orexako, Munitibarreko eta Errezilgo ELEak bideratu ditu eta errezildarrentzat giltzarria izan zen Munitibarrekoa entzutea; 462 biztanle eta asmoa 200 biztanle gehiagorentzat etxebizitzak egitea.
Solaskideei aipatu diegu hamar urtean (2001-2011)euskararen ezagutza %9,2 jaitsi dela Errezilen. Ez diote garrantzi berezirik eman jaitsierari eta ez dira konturatu beherakada bat zetorrela hainbat etxebizitza egin zen garaiarekin.
Zinkunegik dio orain gaia bestelako antiojoekin ikusten hasi direla, hirigintza eta euskara natural uztartzen: "Hirigintza plana osorik edo erdizka bete, bizilagun berri asko edo gutxi etorri, kontu honek txipa jarri digu. Turistak ere etortzen dira Errezila eta hor zerbait egiteko izango dugu. Udalekuetan atzerritarren umea ibili zen eta konturatu ginen gurasoek etxera bidalitako oharrak ez zituztela ulertzen, euskaraz baitzeuden. Ele bitan hasiko gara oharrak bidaltzen? Ez, ez. Gure hizkuntza oso osasuntsu dago, baina erne ibili behar dugu. Etorri denaren hizkuntza eskubideak errespetatuko ditugu, baina gureak urratu gabe". Zinegotziak ahalduntzea aipatu du, alegia, hizkuntza kontzientzia landu duen herriak halako egoeratan negoziatzeko gaitasun handiagoa duela. Hari horri tiraka atera da endogamiaren kontua. Hizkuntza aholkulariak aipatu baitio euskara ez dakiena bakarra bada moldatzen errazagoa dela, baina kolpera hamar etorriz gero nekezagoa dela dezentez. Oreka nola lortu. Jende askorentzako etxebizitzak eraiki eta euskara ez dakitenak badatoz, komeriak hizkuntzari eusten; era berean, herria bizirik nahi dute, hustutzeari izkin egin. "Badirudi ez dugula nahi kanpotik inor etortzerik. Ez da horrela, baina kezka eragiten digu".
Ondoko herrira begira
Ez dute inoren etxean sartzeko asmorik, baina ezinbestean alboko herriaren adibidea jarri dute mahai gainean. Bidania-Goiatzek 2001ean 427 biztanle zituen eta 2016an 514. Etxebizitza berriak egin eta kanpotik heldu da jendea. Hasieran, lotarako etxe gisa gehiago ziren erabiliak. Gaur egun herri-bizitza gehiago egiten dute biztanle berriek. Hainbatek ez daki euskaraz. Udalean euskaraz ez dakien zinegotzia dute. Tristuraz hitz egiten dute gertatutakoaz, eta ez dute esan nahi kanpoko jenderik ez dutenik nahi. Herrian hizkuntza kontzientzia landu eta hirigintza plana tentuz egin behar dela uste dute. Bizilagun berriak herriko hizkuntzara moldatzea nahiko lukete, eta ez alderantziz.
Eta ELEaren emaitza nola hartu dute?
ELEak dio hirigintza planean aurreikusitako etxebizitza guztiak egingo balira (ez da izaten ohikoa denak egitea) hizkuntza eragina moderatua litzatekeela, hau da, euskara ezagutzaren beherakada %4koa litzateke. Zinegotzia larrituta sentitzen da zifra ikusita: "%4ko jaitsiera, 600 biztanleko herrian pentsa zenbat den! Era berean, azterketak dio eragin moderatua dela hori". Hizkuntza aholkulariak erne ibiltzeko eta era berean lasaitzeko arrazoiak eman ditu. Batetik, nahiz eta %4ko aurreikuspena hipotesirik txarrena den (etxebizitza guztiak egin, denak bete, eta aurreikusitako erdaldun kopurua iritsi), ehunekoa ez da gutxiestekoa, batik bat kontuan hartuta aurretik %9,2ko jaitsiera izan dutela. Bestetik, Errezilen euskara trinko dago, babes sistema bat dauka, UEMAn dago herria, hizkuntza plangintza bat dauka. Beherakada hipotetikoari galga jartzeko bitartekoak baditu. Beste udalerri batzuek ez dute halakorik.
Alegian ere bai
UEMAko kide da Alegia. ELEa egiteko lantaldean aritu dira Unai Iraola alkatea, Mikel Artola euskara zinegotzia, Goizane Arana UEMAko teknikaria eta Inhar Agirrezabal udal arkitektoa. Arkitektoak proposatu zion Udalari ELEa egitea eta berak egin du. Alegiako hirigintza planaren ikuspegia kontuan hartuta, erabat naturala egin zaio arkitektoari ELEa egitea. Planak ekologia, genero eta gizarte ikuspegia jasotzen ditu, eta beraz, gizarte ikuspegian, bete-betean, datoz herriko kultura eta hizkuntza.
Udaleko kargu politikoak hizkuntzaren egoeraz kezkatuta sumatzen ditu. 2011n euskararen ezagutza %76,7koa zen, ordea, migrazioek eragin zuzena izan dute ezagutzan. Joan-etorri handia dago herrian. Zein eragin izango luke etxebizitzak egiteak hizkuntzan eta herri giroan? Lau etxebizitza-plan hipotesi egin dituzte. Lehen hirurek eragin moderatua izango lukete eta laugarrenak larria.
Ezkaratzean topo egiteko etxeak
Etxeak prezio librekoak, tasatuak, babes ofizialekoak... Horren garrantziaz hitz egiten aritu gara Agirrezabal arkitektoarekin. Alabaina, berak fokua beste nonbait jarri du: "Arkitektura soziala egin nahi badugu eta euskara bultzatu nahi badugu auzokoek elkar topo egiteko moduko etxeak egin behar ditugu. Betiko zortzi ateko ezkaratzea diseinatuko dugu ala leiho guztien azpitik pasako den pasilloa egingo dugu? Jendeak topo egin behar du, baina bai, zailtasunak ditugu". Arkitektoak esan nahi du barrura begirako bizitza gailendu dela gure artean eta espazio komunak sortzeak erreparoak sortzen dizkigula. Batek eta besteak esan diote elkarguneak kalean sortu behar direla. Kalean ordea, jatorrizko herritarrak gero eta gutxiago dabiltza, eta ohituraz errazago biltzen dira atzerritik etorritako komunitateak, sahararrak adibidez. Horiek ez dira euskaraz ari. | news |
argia-6ad97dd2609e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/angelu-itsuak.html | Angelu itsuak | Iratxe Retolaza | 2018-03-11 00:00:00 | Angelu itsuak
Arantxa Iturberen narrazio-bildumek inkomunikazioaz jarduten dutela aipatu izan da maiz: gaizki ulertuak dituztela ardatz, esan gabekoak, isildutakoak. Bada halakorik Honetara ezkero bilduman. Baina, hartu-emanetan sorturiko erritual zein kodeez dihardute batik bat.
Hogeita bederatzi eszena eta pieza laburrez osaturik dago bilduma, eta batasuna igartzen da tonu, giro, erritmo zein ikuspegian. Pieza narratibo guztietan egunero elkarren ondoan dagoen jendea irudikatzen zaigu (senideak, lankideak, bikoteak, adinekoak eta zaintzaileak…). Pertsonaien mundu-ikuskera zartatu egiten da narrazio hauetan, hurkoari buruzko irudia lehertzen zaielako: keinu batek mesfidantza sortzen du, hizketaldi batek nortasunaren ertz berri bat ikusgarri egiten du… Hurkoaren gogo zein asmo antzemanezinak angelu itsu bilakatzen dira, elkarrengana hurbiltzeko horma, susmoen iturri. Hurkoaren irudia auzitan, eta baita protagonisten irudia ere, hurkoa dutelako nortasuna eraikitzeko ispilu nagusi. Ispilu hautsiaren aurrean, askotariko bideak hartuko dituzte: ispilua berreraikitzeko ahaleginari eutsi, ispilu berriak bilatzeko asmoari lotu, kristal hautsiek sorturiko zaurietan izoztu…
Haustura horiek kontatzeko ikuspegi jakin bat jorratu da: narratzaile gehienek ahots hotz eta urrun bat gorpuztu dute, afektu eskasekoa. Izan ere, zentzuz eta tentuz jokatu beharrak itsukeriara daramatza pertsonaiak, nor berean tematurik, eta ezinezko zaie bestearen larruan jartzea. Hoztasun horren bidetik eraiki ditu narraziorik indartsuenak (Profanazioa, Etxea, Terapia, Atea, Begirada, Apustua).
Narrazio askotan angelu itsuak sortu ditu, isilune eta elipsi ugari. Ezustekoak eta zartakoak sortzeko oso teknika aproposa; baina, jauzien ondorioz, zail egin zait narrazio batzuen haria ongi segitzea lehen irakurraldian (Potroak, Pena, Gonbita) . Bigarren irakurraldian, aldiz, ahotsak ongi identifikatu eta hariak ongi josita zeudela ohartu naiz. Hortaz, hainbat narraziotan teknika narratibo ere bilakatu du ispilu hautsien irudia, kode hautsiak gorpuztu baititu maiz (elkarrizketetan, osagai narratiboen segidan, jauzietan…), eta piezak josteko gonbidapena egiten digu. | news |
argia-2e36f4d388f7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/nafarroa.html | Kutsatzen duenak ordainduko du | Xabier Letona | 2018-03-11 00:00:00 | Kutsatzen duenak ordainduko du
Hondakinen kudeaketan aurrerapauso handiak eman nahi ditu Nafarroako Foru Erkidegoak datorren hamarkadan. Bide horretan egiten dute topo gobernuaren asmoak, gizarte mugimenduen bultzadak eta iraganeko erresistentziek. Datozen asteetan nafarroako Hondakinen Legea onartuko du Legebiltzarrak. Ondorengo erreportajean legearen mamia zertan den azaltzen da. | news |
argia-8d92d6fe913a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/nicole-lougarot-so-kritikoa-maskaradei.html | "Gaizki uzten nau maskaradetan buhameak nola agertzen diren ikusteak" | Jenofa Berhokoirigoin | 2018-03-11 00:00:00 | "Gaizki uzten nau maskaradetan buhameak nola agertzen diren ikusteak"
Berez gustuko baditu ere, maskaradei buruzko ikuspegi kritiko bat plazaratzen dabil zuberotar antropologoa. Buhameei buruzko arrazismoa antzemanik, maskaradetako diskurtsoa aldatzeko deia egin du: "Maskaradak betiere maskaradak ditukezu hori aldatuz gero ere". Tradizioaren karga eta Euskal Herriko buhameen historiaren inorantzia dira batez ere aldaketarako oztopo. Haren ekarpenak ez dira, ordea, denen gustuko.
Aitzinean gorriak, tokiko jendea, nobleak, garbiak, ordena. Gibelean beltzak, kanpotarrak, pobreagoak, desordena.
Bereizketa hau ikusten dut, baina ikertzaileek ere diote horrela dela. Ez orok, baina ikertzaile anitzek diote horrela direla maskaradak.
Arrazismoa ikusten duzu zuk maskaradetan.
Ni gaizki uzten nau maskaradetan buhameak nola agertzen diren ikusteak. Buhame eta kauteren pertsonaiak izugarri ederrak dira, maite ditut, karrikako antzerkia egiten dute eta arte hau maite dut. Baina oraino ere, ohoin, mozkorzale, alfer gisa agertzen dira buhameak. Hori ez dut maite. Euskal Herriko historiari begiratzean, horrela erakutsiak izan ziren eta errepresio anitz bizi izan zuten horren zuzentzeko.
Doi bat bakarrik zara hori salatzeko. Zergatik zaila zaie zuberotarrei eta ikertzaileei hori aitortzea?
Hori horrela baita. Aita-amek horrela egin zuten, aitañi eta amañik ere bai... Tradizioa da! Horrela da eta ez dute ikusten! Ikertzaileak ere normalki ez dira ados. Diote buhameak edo tziganoak badirela, baina ez dute besterik ikusten. Buhameak daramanari ez diote begiratzen, ez eta ingurukoari. Alta, inguruari, historiari begiratuz gero, gauza anitz konprenitzen dugu.
Euskaldun askearen ideia erakargarria irudikatzen dute anitzek buhameetan eta hori dute gustuko.
Maskaraden bigarren zatia horrela da, baina lehen zatia buhameez trufatzeko da, hori segur da. Euskal jendarte onari eta nobleei egin kritika dela diote zenbaitek, baina hori ez da batere egia! Buhameen Legeak buhameez trufatzeko dira. Tzigano pare batekin aipatu dut eta uste dut tziganoak kapable liratekeela norberari zuzendu trufa hori egiteko, antzerkia maite dutelako. Kontua ez da hori, izugarri ontsa eginen lukete. Baina egiazko buhameek egin dezatela! Hori duzu kontua.
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin
Zer aldatuko zenieke maskaradei?
Buhameak ohoinak direla eta beste oraino erratea... diskurtso hau kentzen ahal lukete. Bestela, "gu gira buhameak" erran ordez "gu gira muskildarrak" erran eta gero gauza bera egin dezatela. Kanbiatzen ahal da diskurtsoa. Gauza anitz aldatu dira maskaradetan: dantzak hartu du toki handi bat, pertsonaia batzuk desagertu dira, beste batzuk jin dira... Maskaradak betiere maskaradak ditukezu hori aldatuz gero ere.
Azkenean, ez da mentalitate kontu bat? Jendartea aldatzen ez deino, maskaradak ez dira aldatuko.
Drole duzu zeren ez da mentalitate kontu bat ere. Ez dute ikusten arrazakeria! Gazteek jokatzen dituzte buhameak, baina ez dituzte ezagutzen, ez dute sekulan ezagutu buhameen bizitza. Gazte nintzelarik portugaldar anitz baziren Zuberoan eta arrazismoa portugaldarrei bideratua zen, lehen buhameentzat zen arrazismoa hor portugaldarrentzat zen. Gaur egun oraino, buhame zenbait ez dira ontsa. Baxenabarren adibidez, oraino estigmatizaturik dira. Usu beraiek ere ez dakite zerendako, ez delako deus erranik haien historiaz eta gaur egun oraino tabua delako.
Zein leku zuten Ipar Euskal Herrian?
1802ko sarekadan 475 kontaturik zituzten eta 600 eta 800 artean ziren Iparraldean XIX. mendean. Baxenabarren ziren bereziki. Kostaldean kaskarotak ziren baina talde bera zenik ez gara segur, bi izen erabiltzen zirelako.
Aldatuko dira maskaradak?
Konprenitu behar dute ez dela horrela aritu behar. Buhameez ari garenez, ez dugu deus galdekatzen, berdin-berdin segitzen da. Gainera, buhameak ez dira bakarrik pobreak, ez da klase sozial bat bakarrik; populu bat duzu, kultura batekin, izugarri sufritu duena Euskal Herrian. Ez da normala.
Pertsonaia anitz desagertu dira. Horietan gehienak buhameak.
Bai. Bazen emazte haboro ere: kantiniersa buhamisa zen, kauterekin ere bazen emazte bat, hartza ere bazen eta beste maskaradei so egiten bazaie, laguntzailea beti duzu tzigano bat.
Emazteak desagertu izana patriarkatuaren seinale litzateke.
Ez dakit lotura badenez patriarkatuarekin. Ez ziren emazteak, gizonak ziren emaztez beztiturik. Erditzeak baziren eta asaldagarria zitzaien.
Noren iduriko zen asaldagarria?
Diote apezak ez zirela ados. Zernahi erraten eta egiten zuten, hori apezek ez zuten gustuko eta horregatik ziren desagertu.
Europako beste herrietako maskarada anitzetan ibili izan zara.
Eite handia dute haien artean. Antolaketa bera duzu, egunaren aitzinamenduan ere eite handiak dira, inguru bat egiten dute karriketan eta gero jokoa ematen dute plazan. Beti bada aitzinean, bikote bat, ezkonduak eta gibelean, usu zamaltzaina, hartza eta hezlea eta ondotik, kauterak eta buhameak, ijitoak badira.
Gure maskaradetako buhameak tziganoen populuaren barne direlako.
Buhameak tziganoen historiaren barne dira, lehen, gerla aitzin, horrela deitzen genituen Frantzian, izen bera zuten, geroztik hitzak kanbiatu eta manouche edo gitan deitu dituzte taldeak. | news |
argia-29ee1e9193d7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/seigarren-haginkada.html | Seigarren haginkada | Iker Barandiaran | 2018-03-11 00:00:00 | Seigarren haginkada
Zelatan daude berriro Erromako aita-santuaren sasikumeak Santa Calavera delakoak eraikitako guzti hori profanatu eta eztandarazteko unearen zain. Ustelkeriako Santa Calavera, kapitalaren agindupean, gosea, izurritea, gerra eta diru-gose amaiezina non-nahi barreiatzen duena, sotana, txapeloker, bizardun belaunaldi berri, etiketa jantzi zein gurutzea jantzita mozorrotuta dago. Bilbotarrek seigarren diskoa kaleratu berri dute eta jada inork sinesten ez duen ongizate sistemari eta haren errudunei aurre egiten diete modu gordinenean, egoera zailenetan beti aurre egiten duten eta galtzeko ezertxo ere ez duten arratoi erasokorrenak bezala. Adi haginkada berriari!
Rat-Zinger taldeak tiro egiten du lehenengo, eta gero abestu. Izan ere, zertarako eztabaidatu, hausnartu… bizitza hain gogorra denean eta itxaropenik ez badago. Aukera bakarra da bonzo eran aurrera egitea. Halakoak dira Bilbo Handian erditutako sasikume hauen 12 kanoikada berriak: tralleroak, gitarreroak eta erasokorrak erabat. Iraganean egin ohi zuten bezala barkatzen ez duen abiadurz beteriko hardcore-punka berreskuratu dute ( Santa Calavera , Ya no quedan días de gloria , Verbodecer… ); Lemmy Kilmister handia ez dute inoiz ahaztuko ( Toda forma de poder, Golpeando al hombre muerto… ) ez jarreran ezta ahots erregistroan ere. Tarteka musika industrialaren oinarriak jarri zituzten taldeak gogora ekarri dizkigute ( Antimental ) eta, bide batez, oharkabean pasa ziren Tromatism-en gisako talde handiak errebindikatu dituzte ( Zorrotzaurreko garai haiek! ). Inoiz metalera ere hurbildu izan dira ( Tu pasajero ) eta gai dira, baita ere, abiadura itzela eta erritmo aldaketak ezkontzeko ( Más allá del límite ). Baina diskotik diskora estiloetan nolabaiteko jauziak egin izan badituzte ere, ez dute inoiz inola ere ahaztuko nondik datozen eta nongoak diren, hau da, kalekumeak dira betirako. Horregatik, berezkoa dute rock kaletarra eta, ondorioz, Quemando Ruedas, Porco Bravo eta antzeko gizakumeen tankerako sinesgarritasuna lortzen dute ( Tú ya no eres él, No hay mañana eta batez ere, Mil perras ). Diskoko azken hatsa edo tiroa Indestructibles -i dagokio. Total, izango da gerorik?n | news |
argia-8d9262ac139e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/eneko-fernandez-elite-mailako-txirrindularia.html | "Federazio batek zer eskubiderekin esaten dio kirolari bati ezin duela kirolik egin?" | E�aut Agirrebengoa Apaolaza | 2018-03-11 00:00:00 | "Federazio batek zer eskubiderekin esaten dio kirolari bati ezin duela kirolik egin?"
Eneko Fernandez naiz, 41 urteko donostiarra, eta ziklismoa dut pasio. Elite mailako lizentzia dut, baina Euskadiko Txirrindularitza Federazioak ez dit lehiatzen uzten. Proba bakarra dago Elite mailan, Euskaldun Txapelketa, eta federazioak bertan lehiatzea galarazten digu 26 urtetik gora ditugunoi. Alegia, baztertu egiten ditu txirrindularitza benetako afizioagatik praktikatzen duten hainbat ziklista.
Batzuentzat, afizionatu mailak soilik balio du profesionalak ekoizteko. Hori al da kirola? Ni irakaslea naiz EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultatean, eta beste modu batera ulertzen dut kirola. Bereizkeria dago euskal txirrindularitzan, eta diru publikoz ordaintzen da. Eusko Jaurlaritzak urtean 130.000 euro ematen dizkio federazioari.
Duela zortzi urtera arte ez zegoen adin mugarik. Orain hamabost bat urte bazegoen, baina jende gehiegi zegoelako: sei lasterketatan 300 baino gehiago irteten ginen. 2006an hori kentzea proposatu zen, jada jende gutxiago zebilelako, eta ez zen arazorik egon. Ordea, 40 urteko bi txirrindulari agertu, eta lasterketak irabazten hasi ziren. Dopatuta zebiltzan susmoa zabaldu zen. Hori Euskadiko Federazioari ez zitzaion gustatu, eta arazoak saihesteko adin muga ezarri zuen berriro.
Nik eskua altxa nuen orduan. Eta dopatzen ez ginenokin, zer? Bada, federaziokoek erantzun zidaten ni jada ibilia nintzela behar bezainbeste. Ez zidaten esan masterretan korritzeko; baizik eta, zuzenean, kirola utzi behar nuela. Federazio batek zer eskubiderekin esaten dio kirolari bati ezin duela kirolik egin?
Ustea zegoen tropelean mertzenarioak zebiltzala, diru-sarien bila eta dopatuta, eta horri konponbidea eman behar zitzaion. Ados nengoen horrekin. Honako proposamena egin nuen nik: nahi zuen guztiak parte har zezala, eta 25 urtetik gorakoentzat saririk ez zedila egon. Hala, diru hori dopinaren kontrako kontroletara bidera zitekeen. Kontrolak ez dituzte inoiz egiten. Bada, ezezkoa jaso dut behin eta berriz. Federazioak ez du benetako argudioekin erantzuteko adorerik.
Emakumezkoetan ez dago adin mugarik. Nesken Euskaldun Txapelketan parte hartu izan du 50 urteko jendeak. Eta zer gertatu da? Ezer ere ez. Bakoitzak berea egin du, ondo pasatu du, eta kito. Zentzugabea eta legez kontrakoa da gizonezkook horrela ibili behar izatea. Izan ere, adin mugak urratu egiten du Euskadiko Kirol Federazioen 16/2006 dekretuaren 41. artikulua. Horren arabera, "lehiaketek irekiak izan beharko dute lizentzia duten pertsona fisiko eta juridiko guztientzat, inolako bereizketarik onartu gabe".
Salaketa jarri nuen bere garaian, baina auzitegiek ebatzi zuten Euskadiko Federazioa erakunde pribatua dela, eta beraz, eskubidea duela nahi duena egiteko. Eta datorren urtean badio, demagun, judutarrek ezin dutela parte hartu? Bereizketa egiteko pribatua da, baina publikoa diru publikoa jasotzeko. Lasterketetara protesta egitera ere joan nintzen. Horren ostean, federazioaren mehatxuak jaso nituen, eta espedientea ireki zidan gezurretan oinarrituta.
Iaz sinadura bilketa egin nuen txirrindularien artean. 152 sinadura lortu nituen; lasterketetan 150 ziklista ateratzen dira batez beste. Sinadura horiekin federaziora joan nintzen, baina presidenteak ez zien baliorik eman. Hurrena, taldeen artean egingo dut bilketa. Adin mugaren alde daude talde batzuk, indar eta diru gehien dutenak, hain zuzen. Baina kontra daude talde gehienak.
Amorru handia ematen dit egoerak. Bila daiteke irtenbideren bat, baina federazioak entzungor egin dio eskaera orori. Nik kirola egin nahi dut, ez didate uzten, eta hemen mundu guztiak eskuak garbitzen ditu. | news |
argia-d1c2f785a340 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/oteak-dirua-balio-zuenean.html | Oteak dirua balio zuenean | I�aki Sanz-Azkue | 2018-03-11 00:00:00 | Oteak dirua balio zuenean
Sinestezina dirudi, baina hala zen. Egun mendian ia nonahi topatzen dugun lore horiko landare arantzadun horrek dirua balio zuen iraganean; leku batzuetan bai behintzat. Izan ere, garai batean otea garrantzitsua zen. Aziendari azpiak egiteko edota jaten emateko mozten zen; sutarako ere erabiltzen zen, etxerako edota karobiak pizteko; baita arragoetarako ere. Eta bere ustiaketak sortu zituen bizilagunen haserrealdiak, herrien arteko ika-mikak, auziak eta arauak jarri beharra. Dokumentu zaharrak dira hori guztia egiaztatzen digutenak.
Egun ez dira asko izango baserrirako otea mozten jarraitzen dutenak. Baina hori egiten zela gogoan dutenak oraindik badira, eta ez gutxi. Batzuk, aitona-amonen edo gurasoen garaian ikusi zutelako, eta besteak, gaztetan langintza horretan aritu beharra izan zutelako.
Otea nonahi ikus dezakegu egun; gure basoak ordezkatzen dituzten sastrakadietan, eta sarri bide eraiki berrien ezpondatan ere bai, batez ere isurialde atlantikoan. Baina dokumentu zaharren arabera, XVI. eta XIX. mendeen artean otea baliabide preziatua zen, eta bere mozketa bizilagunen eta udalen arteko ika-miken iturri ere izan zen herri batzuetan. Beraz, ez ziren gutxi izan bere ustiaketa arautzeko hautua egin zutenak. Esaterako, Hernaniko Udal Artxiboko dokumentu zaharren arabera, XVI. eta XVII. menderako otea mozteko baimena eskatu beharra zegoen udalean, eta erreal bat ordaindu moztuko zuen pertsona bakoitzak.
Chillida-Lekun otea eskulturen ordez
1663an, egun Chillida-Lekun dagoen Zabalaga baserrian ez zen eskulturarik izango, baina otea, itxuraz, bazen. Sevastián de Zavalegui zen garai hartan jabea.
Hernanin, beste herri askotan bezala, otea herri-lurretan mozten zen. Eta Sevastián de Zavaleguiri bere barrutiko, Artigako herri-lurretan moztea zegokion. Otea moztu eta idiekin etxera eraman zuen; baina debekatua zegoen lekuan ebaki ostean, eta udalaren baimenik gabe. Horrek auzia sortu zuen eta Valladolideko kantzelaritzaraino ere iritsi zen.
Hernaniko Udalak helegitea jarri zion, eta Zavaleguik lekukoak eraman zituen, Artigako lurretan simaurra egin edo abereei jaten emateko –ez karobietarako– betidanik otea baimenik gabe moztu izan zela defendatuko zutenak. Eta udalaren kontra egin zuen, Urumeako zilegimendietako basoetan zegoen egur guztia burdinolentzako ikatzerako erabiltzen zenez, otea moztea debekatzea behartsuen kontrako neurria zela esanez.
Udalak gogor erantzun zion Zavaleguiri: herritarren ordezkarien arteko bilera batean hartu zela Artigan oterik ez mozteko neurria, eta horren jakitun zela. Gainera, berak mozturiko oteagatik herri-lurra oterik gabe utzi zuela behartsuenen kalterako. Araudia betetzen ez zuenak ordaindu egin behar zuen: pertsona batek igitaiarekin egunean moztu dezakeen ote kopuru bakoitzeko 2.000 marabedi.
Ote guztiek ez dute balio bera: otebeltza, otezuria… eta otaberria
1735ean, Hernaniko Udalak dekretua atera zuen herrian otea mozteko debekua jarriz; abereei jaten emateko edo sukalderako soilik hartzea baimentzen zuen, beti ere neurrian moztuta. Itxuraz, Lasarten (artean Hernaniko lurretan zen), abereentzako otebeltza (Ulex gallii) mozteko aitzakian, azken urteetan otazuria (Ulex europaeus) moztu zuten simaurra egiteko, karobietarako eta arragoetarako, mendia oterik gabe utziz.
Hurrengo urtean, herritar batek baimena eskatu zuen otea moztu eta horrekin simaurra egiteko. Udalak, aurreko urtean jarritako debekua behartsuen kalterako zela jakinik, eta herritarrak oraindik ere ebakitzeko eskaerak egiten ari zirela ikusita, otea mozteko baimena eman zuen; baina soilik beltza, ez otezuria, ezta otaberria ere (urteko otea), samurra zenez ganaduari jaten emateko erabiltzen zena. Otebeltza mozteko arau batzuk jarraitu behar ziren, gainera: moztu aurretik udalari mozketa lekua eta ote kantitatea zehaztu behar zitzaizkion lizentzia eskuratzeko. Mozketa landazainaren ikuskaritzapean egingo zen, eta bere jornala eskatzaileak ordaindu beharko zuen.
Otea mozteko araudia pulpitotik
XVIII. mendearen erdialdera araudia aldatzen joan zen: 1745-60 artean, landarea mozteko lau hilabeteko epea jarri zuten, azaroa eta otsaila artean, eta lau pertsonek moztu zezaketena baino ezin zitekeen ebaki, beti ere lekua eta ote kantitatea zehaztuz. Otea moztu ostean hogei eguneko epea zegoen jasotzeko. Sukaldeetarako egur eskasia zela eta, karobietarako otea moztea debekatua zegoen. Araua irmoa zen. Betetzen ez zuenak isuna jasotzeko arriskua zuen. Eta hori jakinarazteko leku aproposena herritar gehienak elkartzen ziren gunea zen: eliza. 1760ko abenduaren 7an, Lasarteko igandeko mezan, bikarioak udalak harturiko erabakia irakurri zuen, eta ordainsaria jaso zuen horren truke.
Otearen ustiaketa ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan zuen garrantziaren erakusle da, baita ere, 1790ean txilarra mozteko eskaera egin zuen herritarrari baimena eman zitzaiola, baina horretarako aitzurra erabiltzera behartu zutela, inguruan zegoen oteari kalterik egin ez ziezaion. Mozketa irailaren 12tik aurrera egitera derrigortu zuten, inguruan zegoen iratzeari ere kalterik egin ez ziezaion.
Tentsioa herrien artean
XIX. mendean bizilagun asko izan ziren otea mozteko eskaera idatziz egin zutenak, batez ere 1840tik aurrera. Eskaera gehienak neguan mozteko ziren, landareak lorea bota aurretik, eta ia kasu guztietan karobietan erabiltzeko ziren.
Nicolas Arbelaiz hernaniarrak, esaterako, hamar gurdi zakar (otea, iratzea, sasia nahastua…) mozteko baimena eskatu zuen. Horiekin 50 gurdi kare egin nahi zituela zioen, izan ere, aurreko sei urteetan uzta asko urritu zitzaion eta bere lurrek kare premia handia zutela zioen. Horrelako eskaerak asko ziren, 20-30-40 gurdi ote ebakitzeko baimenaren truke, "ohitura zen bezala, zegokiona" ordaintzeko prest zirenak. Karobietarako ez ezik, izan zen teila eta adreilu fabrika ireki berriarentzako erregaia falta eta otea mozteko eskaera egin zuenik.
Arauak jartzeak, ordea, azpikeria ere ekarri zuen atzetik, eta liskarrak ez ziren bukatu. XIX. mendearen erdialdera, Astigarragako alkateak Hernanikoari eskutitz ofiziala idatzi zion. Bertan adierazi zion Astigarragarekin muga egiten zuten baserritar hernaniarrak behin baino gehiagotan otea lapurtzen harrapatu izan zituztela euren herriko lurretan; eta hori saihesteko, Hernaniko alkateari neurriak hartzeko eskatzen zion, gainontzean, eurek gogortasun handiagoz jokatuko zutela esanez.
XIX. mendearen amaieran otea mozteko eskaerak behera egin zuen, eta egun bizirik diren testigu zaharrenek ebakitzen zela gogoan duten arren, ez dute horren kontura izandako arau edo liskar berezirik gogoratzen XX. mendean. Otearen beharrak behera egin ahala, horri loturiko ika-mikek ere bide bera hartu zuten, eta landare arantzadunari loturiko ustiapenak eta erabilerak bere lekua galdu zuen, pixkanaka euskal gizartearen memorian zimeltzen bukatu arte.
OTE JOTZEA
Oiartzungo Ergoien auzoko Sarobe Berri baserrian ote jotzen, 1999an. Jotzaileak: Sarobe Berriko Pako Iriarte, Simoneko Felipe Artola eta Iriberriko Lino Zapiain. Argazkia: Juan Mari Beltran.
Neguaren bukaera aldean, etxe askotan animalien bazka bukatzen ari zela eta, loratu berria zegoen inguruko otea biltzen zen eta arantzez betetako landare hau ondo txikituta, hutsik edo arbiekin nahasturik, goseak zegoen aziendari ematen zitzaion.
Ahotsak proiektuaren bideo honetan entzun dezakegu, Oiartzungo Joxe Luix Lardi Landaren testigantza:
Eta Ahotsak proiektuaren beste bideo honetan, Urnietako Hilario Lekuona Mitxelenarena:
Juan Mari Beltran musikariaren hitzetan , "ote jotzea dugu lana, jokoa eta musika uztarturik agertzen diren adibide garbienetakoa. Otea jotzerakoan, emandako kolpe horiek jokoa eginez jotzen dira eta kolpe joko horretatik sortutako hots esaldi horietan musika agertzen da". | news |
argia-1c3653eb7d34 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/galdera-erretorikoak.html | Galdera erretorikoak | Miren Artetxe Sarasola | 2018-03-11 00:00:00 | Galdera erretorikoak
Galdera erretoriko batek ez du, berez, erantzunik eskatzen, formaz dialogo baten hasiera badirudi ere. Galdetzaile erretorikoaren helburua ez da zalantza bat adieraztea edo ezagutzen ez duen informazioa eskatzea.
Badaude kaltegabeko galdera erretorikoak. Ia-ia antzeman ere egiten ez direnak. Kalean inor presaka gurutzatu eta bekainak igoz botatako "zer moduz?" hori, esaterako. Edo "zergatik gertatzen zait dena niri?" tragikomikoa.
Maiz, ordea, galdetzaile erretorikoak nahi duena besteren aurrean bere ikuspuntua berrestea da, eta aldi berean, entzulea hausnarketara bideratzea, azken finean, bere iritziarekin bat egin dezan.
Eta badaude, ahoskatze hutsez botere-harreman bat sortzen edo birsortzen duten galdera erretorikoak ere, autoritate jakin batetik baino egin ezin direnak. "Zenbat aldiz esan behar dizut isiltzeko?" edo "zer zaude, erotuta?", esate batera.
Eta galdera egin aurretik botere harremana berez egon badagoenean galdera erretoriko bat egiazko galderaz mozorrotzeak badu halako gurasokeriazko perbertsio kutsu bat. "Orduan ez duzue nahi gizon feministok grebarik egin dezagun?" izan liteke adibide bat.
Ez baita gauza bera interesa adieraztea eta… interesa adieraztea. | news |
argia-bc6b5e042c9f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2590/eta-klaska-pilota.html | Eta klaska pilota! | Itxaro Borda | 2018-03-11 00:00:00 | Eta klaska pilota!
Egiteko berezirik ez daukagunean larunbat eta igande arrats apalak ETB Kantxa emankizunari lotuak pasatzen ditugu. Aimar Olaizolaren abilezia umila, Altunaren jukutria fina, Urrutikoetxearen egonarri hotza edo Ezkurdiaren irabazle temati joera ikustean bihotzak punpaz dabilzkigu. Pantailan ikusi ala egiazki plaza edo trinket batean jolastu, pilota plazer hutsa da eta horrela izan da menderen mendeetan.
Baionako Euskal Erakustokian daude 1853. urtean Aldudeko Etxegarai apezak kaier txiki batean eskuz kopiatu sei bertso-sail. Horietan bada interesatzen zaigun bat: Baztango Lamiarrietan XVII. mende bukaeran edo XVIII.aren hasieran egin zen espainolen eta frantsesen arteko pilota partida bat harilkatzen du xeheki. Espainolak alabaina baztandarrak ziren, eta frantsesak trenpu eta fama gaitzeko aldudarrak. Jakina da bi eskualdeak kontrabando eta artzaintza harremanez gain, kirolak, pilotak preseski, hurbiltzen zituela.
Hemeretzi koplako abestian lehia nola garatu zen kontatzen du bertsolariak, zuzen bezain soilki, hizkuntza arruntean. Orduan ere giroa bazen kantxetan, dirua jokatzen eta irabazlea ohoratzen zuten:
Zer dut bada aditzen
Baztango aldetik?
Mendiak inarrosten
Iduriz errotik?
Bada oihu, bada kantu
Bada irrintzina:
Aire guzia dugu
Bertze bat egina.
Zer bada hortan zare
Zu oraino Pettan?
Ez dakizu deus ere
Misterio hortan?
Laur aldudiar tieso
Español bat hetan
Jokatu dire bapo
Gaur Lamiarrietan!
Laxoan ari ziren aldudarrak. Desafioak oro eramaten zituzten airez aire Elizondon, Iruritan, Arraiozen, Alduden bertan eta Arizkunetik Bozatera doan bide bazterreko Lamiarrietako pentzean. Gaurko egunean bertan dago Mikel Laboaren ohorezko graffitia, izar gorri batez hornitua.
Aldudarretan ospetsuena Perkain izengoitiarekin ezaguturiko Juan Martin Inda zen, txapeldun handia, frantses iraultza denboran Hegoaldera ihesi joan zena eta Aldudera itzuli zenean, Konbentzioaren garaian, sei mila ikusleren aitzinean jokatu zuena, Azantza bere ohiko arerioaren kontra. Baztandarrak ez ziren gutxiago:
Baztandarra betitik
Da gizon segura,
Aldi huntan hargatik
Bazen duda-muda,
Ez zelakoz partida
Txit haren gustura
Horregatik ez dauka
Jokatzeko gura.
Orduan Dolhagaray
Balleko alkalde
Ohore ona garrai
Agertzen fagore:
Joka beitez mutilak
Menturaz debalde
Nahiz neronek untzak
Bota zuen alde!
Ontzaz, orduko diru-neurgailua, ordaindu parioak aldudarren alde metatzen ziren eta baztandarrek zalantzak zeuzkaten larrera jaisteko. Baina lortu zuten eta irabazten hasi ziren baztandarrak, ikuslegoa zoratuz.
Españolek bost joko
Frantsesek baterez!
Ja zioten goraxko
Eginen ere ez!
Orduan sabel minak
Baziren arabez
Bai, ondikoz "saminak"
Nork erranen du ez!
Dagoeneko Baztanen eta Malerrekan baizik jokatzen ez den laxoa pilota modalitatea misterioa da guztiontzat: Baigorrin, Donapaleun edo Uztaritzen eskaintzen diren errebote eta pasaka moduen arteko nahasketa gisa ulertzen ahal genuke. Xirrizta ziurtatzen duen larruzko eskukoekin ari dira talde bakoitzeko botaria, numeroa eta bi laurdenak, gehienetan 9 jokotan, puntuak tenisean bezala zenbatuz.
Perkainez beste izar batzuk ere baziren denbora haietan, hala nola Azantza, Perkainekin pataskatzen zena kantxetan, eta gure kantan bat-batean aldudarren salbatzaile antzera multzotik jalgi zen Celhay famatua:
Baina Celhay zaharra
Behar da jokatu!
Jendearen sukarra
Oihuz abiatu:
Estebe paretatik
Zu beti airera,
Ez utzi oraikotik
Jokorik sartzera!
Bada, erran bezala,
Doa eskasera
Handik ikus ahala
Pilota pasara!
Ja, horra, botaria
Doa bazterrera
Ez jakinez garria
Nora sakatzera!
Eta aldudarrek irabazi zuten Celhayen eskarmentu eta trebeziari esker. Adin bateko gizon apala zen, galtzean bezain garraitian (garaipenaren orduan):
…
Lagunek zuten
Celhay erakutsi
Harturik sorbaldetan
Zelakoz nagusi.
Baina horrelakorik
Ez nahiz onetsi
Laster doa artetik
Ohorez ihesi:
Gizonari zoin den eder
Beti garraitia
Ongi doa halaber
Zinez modestia!
Perkainen ondorengotzat jotzen zuten Celhay, Eskualduna astekarian agian lehenago kantatu eta 1908an plazaratu ziren Jose Vicente Etxegaraien koplak lekuko:
Lehen aldiko dena
Landare gazte bat
Agertzen da zalhoina
Celhay deitzen den bat,
Luze eta lerdena
Onesta orobat
Menturaz daitakena
Don Perkain berri bat.
Lamiarrietako partidan pilotari ausart eta fin gisa azaltzen den Antton ere aipatzen da bertso hauetan:
Ezagutuak dire
Antton bai Ifolé
Jaun hek beti pilota
On edo tzar dute!
Eta 1853ko gure dokumentuan ikusten dugu Antton, Lamiarrietakoaren ondotik, Elizondon izar bilakatzen eta ontzaz kargaturik gero frontera zeharkatzen:
Biharamun goizean
Horra Elizondon
Behar dela laxoan
Jokarazi Antton:
Anitz nekatu gabe
Irabazi zion
Bizpahiru untza pare
Dena ere da on!
Aldudera heltzean, bezperako irabazleak goratu zituen jendeak. Egiazko besta egin zieten. Bandera zuri-gorriak, zaldizko ibilaldiak herrian barna, trago bat hemen, txaloak han, ohorea zen baztandarrei irabaztea, elizatik ezagutzen zuten antzinako erromatarrek antolatzen zituzten triunfoen parekoa:
Batenek krabistutik
Bertzek estribera
Hor deramate pozik,
Berak du bandera!
Guda baten ondoan
Iduri duela
Erromako hirian
Sartzen jenerala!
Perkain, Azantza, Kurutxet, Larralde, Otarre, Xilhar, Leonis eta Txikito plaza gizonak ziren. Jakina. Hargatik aldudarrak ez ziren beti irabazle ateratzen. Bakarretan egiazko hooligan mendekari ibiltzen ziren mugaren alde batetik bestera. Galtzaile txarrak zirela agertzen du istorio batek.
Aldudekoak behin joan ziren Gorostapalora, Erratzuko errebotea han zelako, eta lekuan bertan saiatzen ari zirenean, sobera azkarrak zirela ohartzean Erratzukoek desafioa bertan behera utzi omen zuten, auzo herrikoen haserrea piztuz. Alimaleko kalapita sortu zen eta aldudarrek Iparralderako bidean atzeman zituzten iratze edo belar meta guztiak erre edo errekara bota zituzten, meta-ziriak barne.
Etxegarai jaunak, gau ilun euritsu batez, Aldudeko bere apez-etxe bakartian, paperean arkatzaz etzan zituen kopletan ez da horrelakorik agitzen. Diruz okituak dira, jan eta edan dute ausarki bidean, partidak egiten dabiltza jarraian: arrakasta itzela dute, gaur egungo pilotariek duten bezala funtsean, Hegoaldean bistan dena, Maite Iriarte eta Eneritz Arrieta adibidez, bai eta Iparraldean ere Waltari, Ducassou, Ospital baizik ez lerrokatzeko!
Bertsolaria, lekukoa hots, anitzetan gertatu denez, apeza dela susmatzen ahal dugu, morala isurtzen duelako sail luze horretako hiru azken kopletan:
Orai nere maiteak
Nik hemen banaki
Guziz, zure gazteak
Kontseilatzen finki:
Partida egitean
Ahalaz izerdi
Gero jokatzekoan
Gelditzen da ongi.
Ez beraz engainatu
Bitorios dena
Ez sobera jokatu
Gaur eskutan dena:
Bezpera alegerak
Duke goiz iluna
Jokari berotuak
Maiz du bihotz-mina!
Bertze alde gaurgoitik
Nork bada ez daki
Nehor guti jokotik
Izan dela ongi,
Aldiz tuzte anitzek
Bere bertzenekin
Galdu bai dohakabek
Arimak hertzekin!
Pilota, bertso askoren mamia izan da. Perkainen balentriak abesten dira hainbat lehiaketen karietara, Luhuson, Alduden, Donapaleun, Tolosan edo Baigorrin. Kopla batzuetan, agertzen zaigu zahartua Harizpe mariskalaren konpainian partidu bati begira. Azken hitza Iruriko Etxahun nekazari koblakari trebeari utziko diogu: pilotaren eta pilotarien aldeko himnoa ondu zuen, Baigorriko Pilotarien Biltzarrean lehenbizikoz kantatzeko:
Zelüko jinko jauna
Gützaz orhit zite
Pilotarien Biltzarraren
Zü jar zite jabe
Gazte horiek ondotik
Har dezaien parte:
Zer lizateke Eskual Herria
Pilotarik gabe?
Gustatzen zaigu "pilota" hitzaren ordez "euskara" ematea eta zintzurra larrutzeraino ahairea gorarik eskaintzea, pilota eta euskara sinonimoak bailiran. Ez ote genuen, besta-egunetan, fandango airos hau biribilkatzen?
Haurrak ikas zazue
heskuaraz mintzatzen
Ongi pilotan eta
oneski dantzatzen
Airetun txikitun airetun laire…
Eta Elizondoko udaletxearen maldako bota-harria amultsuki ferekatzen dugu ondotik iragaten garenean. Klaska beza pilotak gure bihotzen frontisetan! | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.