id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-041d475c52ff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/galerna.html
Amarru baten zorigaitz iragarria
Urko Apaolaza Avila
2016-10-16 00:00:00
Amarru baten zorigaitz iragarria 1936ko urriaren 15ean lau bou frankista Baionatik Bilbora zihoan Galerna bakailao-ontziaren jabe egin eta Pasaian porturatu zuten. Prentsa faxista eskifaia eta bidaiari presoez trufatu zen, erreketeen balentria laudatzen zuen bitartean. Gaur badakigu ontzi errepublikarra traizio baten amarrupean erori zela, eta egunkarietako lerro-buruak zorigaitza iragartzen ari zirela. Joxe Mari Lopetegi irundar errepublikazaleak barruan zeraman samina askatu zuen Euzkadi Roja n 1937ko urtarrilean:     Agur Manolo Gurutzeaga     nere lagun maite fiña,     abeslaritan gain gañekua,     prestua ta atsegiña;     nere mingañak ez dauka itzik     lan ori neurtzeko diña,     zuek modu ortan il zaituztenak     dute diaurruen zotiña,     ez dakite oik nolakoa dan     Kristo zanaren dotriña Manuel Gurutzeaga Arruabarrenak 37 urte zituen Hernaniko hilerriko paretan fusilatu zutenean; Galerna ontzian zihoala hartu zuten preso frankistek, beste hainbat bidaiarirekin. Astigartarra jaiotzez, makina bat aldiz ibili izan zen Lopetegi alboan zuela bertsotan, eta honek oso gogoan izan zuen Zorigaitzez izeneko sorta hartan. Urriaren 22an kantaldia antolatu dute Lopetegiren bertsoekin Irunen, eta merezi luke gerra garaiko horrelako bertsoei toki egitea: " ...hitz neurtuetan esan nahi ditut / euskaldunak abesteko... ", dio irundarrak. Galerna ontziaren historia ezaguna da, batez ere bertan harrapatutako jendearengatik. Bidaiarien artean zegoen Jose Aristimuño Aitzol apaiz euskaltzale nekaezina, torturatua izan ondoren Gurutzeaga eta beste hainbatekin hobi komun batean amaitu zuena 36ko udazken ilun hartan. Pasaiako Pysbe arrantza konpainiaren flotakoa, gerrarako zereginetarako erabili zuten errepublikarrek Galerna , beste ontzi askorekin egin bezala: Donostiako ebakuaziorako lehenik, eta korreo lanetarako ondoren. 1936ko urriaren 15ean baina, Pasaiatik gertu zegoela bou frankisten esku erori zen egoera oso arraroan: "Haiek hiru kanoikada bota orduko Galerna entregatu egin zen", zioen Baionan zegoen Espainiako kontsulak txosten batean. Antxoko moilan amarratu bezain laster hasi zen 50 pasaiarien lintxamendu publikoa. El Diario Vasco k lotsagorritu gabe energúmeno edo astakirten deituko dio Aitzol i, La Voz de España k "arrain lodia" harrapatu dutela dio. Francisco Saizar donostiar mediku "lodikotea", José Jurico "tongo" egin duen pelotari ezaguna, Juan Antonio Landin "separatista"... Denek amaituko dute egoera tamalgarrian Donostiako Ondarretako kartzelan eta hiru egun geroago, urriaren 18an, horietako asko fusilatuak izango dira. Beste askoren patua zein izan zen ez dakigu ordea. Galerna ko 28 tripulatzaileak ere ez dira El Diario Vasco ren hitz pozoitsuetatik libratuko: "Ez dakite ezer, Babian daude. Mutiko hauei zerbait gertatzen bazaie, Jainkoak ez dezala halakorik nahi, Limboan toki bat daukate prest". San Kristobal izena du toki horrek, Ezkaba mendiko presondegi beldurgarria, eta mutiko haietako bi 1938ko ihesaldi famatuan ehizatuko dituzte animalia moduan. Hilketa haien oroimena, Aitzol en heriotza, atzeraguardia frankistako krudelkeriaren sinboloetako bat bihurtu zen. Lopetegik berak azaldu zuen moduan, barkatu ezinezko basakeria – Dierriyari ekarririkan / ontzi 'Galerna' ordaña.. .–. 1956an Javier Mendizabal almirante-ordeari enegarren domina jarri ziotenean, hogei urte lehenago Galerna harrapatzen izandako parte hartzea nabarmendu zuten agintari frankistek. Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzako prentsa bulegoak berehala erantzun zuen: "Ez dute esaten nora eraman zituzten pasaiariak: gupidagabe torturatuak izan ondoren, Hernani inguruetan fusilatu zituzten arrazoi eta epaiketarik gabe". Traizioa eta dirua, beti dirua Frankistek balentria gisa saldu zutena, traizioak eta lukurreriak bultzatako amarrua besterik ez zen izan. Beti susmatu izan da Galerna etsaiaren esku utzi zutela bere kapitain eta ofizialak, baina orain nahikoa datu baditugu hori baieztatzeko. Zantzuen zerrenda amaigabea da: ontzia kostatik 17 miliatara zegoen, segurtasun protokoloak agindutako 40 miliatara beharrean; abiadura handiagokoa izan arren, norabidea aldatu eta frankistengana jo zuen astiro; ez zuen artileria erabili, ezta irrati seinalerik ere... Gainera, kapitaina eta lehen ofiziala azpijokoan zebiltzala egiaztatzen duten salaketa eta dokumentuak daude. German Gómez kapitainak berak frankisten aldera deklarazio sinatua igorri zuen –Avilako Agiritegi Militar Orokorrean aurkitu dugu– amarrua azalduz: "On Luis Pradera eta On Angel Gascuerekin izan nintzen Baionan, eta beraiekin ados jarri nintzen ontzia berreskuratu zezaten". Pradera eta Gascue, Pysbeko mandatari eta donostiar jendarteko aberaskumeak ziren. Eginahalak egiten ari ziren Defentsa Batzordeak konpainiari konfiskatutako bakailau-ontziak bereganatzeko, eta horretarako ez zuten kezka handirik izan barruan zeuden pasaiarien destinoarekin. Dirua, beti dirua. Baina Gómezen asmoak jakinak ziren –Baionako kontsulak galdera zorrotzak egin zizkion mesfidati– eta ihes egin zuen. Haren ordez, lehen ofiziala zen Jorge Martín-Posadillok egin zuen lan zikina, eta urriaren 15eko ilunabarrean ontzia entregatu zuen Baionatik Bilbora zihoala. Martin-Posadillok ez zuen ezkutatzen faxistenganako begirunea; Gipuzkoa oraindik errepublikarren menpe zegoenean arrantzale anarkistak bere bila joan ziren eta Pasai Donibaneko batzokian kukutu behar izan zen. Galerna ren traizioa egin eta gero alde frankistan borrokatu zuen; 1937ko martxoan adibidez, itsas armadako ontzi-alferez gisa ageri zaigu Espainiako aldizkari ofizialean. 1939an, berriz, "Pasaiako bakailao faktoriara" itzuli zen. Hor galdu dugu bere lorratza. Historia honen biktimarioez gutxi dakigu, baina biktimez askoz gehiago ere ez. Galerna n zihoazen dozena bat lagun gutxienez fusilatu zituztela kasik segurutzat eman daiteke (ikusi koadroa). Aitzitik gauza ugari daude oraindik argitzeko –haien gorpurik ez da azaldu Hernaniko hilerrian–, baita egiteko ere, eraildakoen senideek pasatako sufrikarioaren kontakizuna osatu gabe baitago. Nerea Pérez Ibarrola historialariak aste honetako ARGIAn frankismoaren errepresioaz hitz egiterakoan dio "datuak hildakoen kopuruetan" gelditzen direla, haien familiek izandako bizimodu gogorra kontuan hartu gabe. Kontuan hartzekoa baita, adibidez, Galerna ko pasaiariekin batera hil zuten Jose Maria Elizalderen alaben testigantza: ama dirurik gabe geratu zen, haren mertzeriari boikota egiten baitzioten "gorriaren" estigmagatik; eta sinarazi zioten senarra ustekabean hil zutela kalean tiroz, Hernanin fusilatua izan zela jakin arren. Zorigaitzaren zorigaitza.
news
argia-dce72bb86c80
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/itzal-oldeak.html
Itzal oldeak
Itxaro Borda
2016-10-16 00:00:00
Itzal oldeak Udaran, Erein argitaletxeak plazaratu Juan Gorostidiren Zazpigarren heriotza oroitzapen liburuaren irakurtzeko beta eduki dut, Baionako bestetan ausatu, Aquarius telesaila ikusi eta Orabidea uhergarritik oinez ibili bitartean. Behialako gure sasietako armada itzal olde goseti bilakatu da eta dagoeneko ez dakigu piztiarekin zer egin. Gertatutakoa ukatzen jarraitzen baldin badugu, akabo guretzat. Besterik ez dio, lerro artean, Juan Gorostidi errenteriarrak. Bere gaztaro iraultzaileko memoriak eskaintzen dizkigu, trantsizio garai polemiko hartakoak, interesgarriak eta ahoan bilorik gabe. Halaber, bihurgunea seinalatzen digu: ETAn sartzeko aukera ukan eta ez zuen egin, ordez, sumendiaren bihotzetik urruntzen zela, gaurko egunean arte martzial irakasle aurkitzen duguneraino.   Gure herrian nitasunetik isuri memoriak ez dira biziki estimatzen. Jakina. Agian, oraindik historia horretan, misterio asko geratzen da argitzeko, idazlearen erreferentzia aberatsen aintziran itorik datorkigulako menturaz, baina Juan Gorostidiren agerpenak zintzoak, ukigarriak eta premiazkoak direla deritzot, berak dioen eran, borroka armatuaren dolua hastear gauden kordoka honetan. Isilik egoteak ez du beti balio.
news
argia-2cf2712393e0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/te-berdea-vs-te-beltza.html
Te berdea vs. te beltza
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-10-16 00:00:00
Te berdea vs. te beltza Tea 1568an iritsi zen Britainia Handira eta jatorrizko te berdeak zein aldaera beltz berriagoak berehalako arrakasta izan zuten. Eskaera handia ikusirik gobernuak zerga astunak jarri zituen hostoen gainean, luxuzko produktuak bailiran. Ondorioz, alferrik galdutako tearen kontrabandoa zabaldu zen, eta handik gutxira britainiarrek legez kanpoko te gehiago kontsumitzen zuten legezkoa baino. Hosto galduen itxura hobetzeko gehigarriak erabiltzen zituzten eta, te berdeak makillaje gehiago behar zuenez, koloratzaile toxikoak erabili zituzten maiz. Te berdearen kontsumoak lurra jo zuen. 1785ean tearen gaineko zergak nabarmen jaitsi zituzten, baina beranduegi zen: te beltza berdeari gailendu zitzaion.
news
argia-ee3c5a1c9757
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/gure-eskolan-bertako-jantokia-jartzeko-4-urratsak.html
Gure eskolan bertako jantokia jartzeko 4 urratsak
Estitxu Eizagirre
2016-10-16 00:00:00
Gure eskolan bertako jantokia jartzeko 4 urratsak 2000. urtetik Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoen jantokiak catering bidez soilik kudeatzen ditu. Larrabetzu eta Erandiokoak dira urte hauetan guztietan beren kudeaketari tinko eutsi dioten bakarrak. Baina beste ikastetxe batzuetan gurasoak lanean hasi ziren duela hiru bat urte, ikasleek bertakoa, sasoikoa, eta ahal dela ekologikoa jango zutela bermatuko zuten jantoki proiektuak lantzen. EHIGE guraso elkarteak parte hartzen duen "Gure platera gure aukera" egitasmoa izan dute bidelagun. Eta honetan zirela, Eusko Jaurlaritzak bi urterako ireki die froga egiteko aukera: lau ikastetxe daude sartuta proba pilotuan, eta horietatik bik jarri dute martxan bertan kudeatutako jantokia ikasturte honetan: Gernikako Allende Salazar eta Markina-Xemeingo Bekobenta. Bietan izan gara, beste eskoletan gurasoak asmo berberetan baldin badabiltza, egin beharreko bidearen pistak har ditzaten. 1. Kontzientziatu, helburuak jarri eta partekatu Lehen lana kontzientzia hartzea izan zela kontatu digute bai Gernikako Allende Salazarren eta baita Markina-Xemeingo Bekobentan ere. Horretarako, Gernikan hamaiketako osasuntsuaren gaia landu zuten, eta Markina-Xemeinen Larrabetzuko gurasoen hitzaldia antolatu zuten, eta haien esperientzia entzunda, bideari ekiteko gogoz geratu ziren. Ondoren, bakoitzak amesten zuen jantokiaren ezaugarriak edo helburuak zehaztu zituzten. Gernikakoen helburuak azaldu dizkigu Dabid Zelaia-Zugadi gurasoak: "Umeek osasuntsuago jatea, inguruko ekonomia bultzatzea eta ingurumena zaintzea –kimiko gutxiago erabilitako jakiekin umeen osasunaz gain lurra ere zaintzen baitugu–". Gaiaren lanketa osoa egiteko, bi ikastetxeotako guraso elkarteek jantoki batzordea sortu dute. Markinakoek perfil anitzeko gurasoen inplikazioa bilatu zuten batzorde horretan: nutrizionista, sukaldaria, bankuko langilea, aholkulari ekonomikoa... Baina bai Gernikakoek eta bai Markinakoek, hasieratik jantoki batzordeak egindako lana besteekin partekatu eta adostu beharra ikusi dute: gainerako gurasoekin, zuzendaritzarekin, irakasleekin, udal ordezkariekin... Zelaia-Zugadik gomendio bakarra ematen du: "Hasieratik lankidetzan aritzea. Ez gurasoek proiektua hasi eta buka landu eta gero gainerako eskola komunitateari aurkeztea, alferreko bidea egiteko arriskua baitago. Pausoz pauso joan gara proiektua kontrastatzen eta adosten". Inguruko eragileekin ere hasieratik jarri dira harremanetan bi ikastetxeotako gurasoak, hauengandik ikasi eta elkarlanari ekiteko. Biek aipatu dute EHIGEren (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea) laguntza. Beste eskoletako esperientziak ezagutzera ere jo zuten: Larrabetzu, Erandio, Lekeitio... Gernikarrak ENEEKekin (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoko Kontseilua) ere batu ziren, Lurbizi proiektuaren bultzada handia jaso zuten eta Urduñako udala izan dute erreferente. Markinarrei Landa Garapen Agentziak erraztu zien asko bidea. 2. Proiektua idatzi, Jaurlaritzaren proiektu pilotuan sartu eta marra gorriak zehaztu Bi ikastetxeetako gurasoak lanean ari zirela harrapatu zituen Eusko Jaurlaritzaren proiektu pilotuan parte hartzeko aukerak. Proiektu bana aurkeztu zuten Hezkuntza Sailean. Markina-Xemeingo guraso eta jantoki batzordeko koordinatzailea den Zuriñe Egiak azaldu digu txosten honen edukina: eskualdearen ezaugarriak, eskolarenak, helburuak eta planteamendu zehatza. Jaurlaritzaren proiektu pilotuan parte hartzeak zer esan nahi duen galdetuta, antzerako erantzuna eman digute: sukaldariak Jaurlaritzak kontratatzen dituela, orain arte egiten zuen bezala, eta ez dela gutxi. Sukaldeko makinariak ere Jaurlaritzaren ardura izaten jarraitzen du. Izan ere, bai Bekobentan eta bai Allende Salazarren, betidanik egon da bertako sukaldea jantokian. Catering enpresek kudeatzen zuten ordea, eta catering enpresek ekartzen zituzten elikagaiak. Proiektu pilotua martxan jartzeko temati lan egin duen EHIGEko Lurdes Imazek adierazi du Jaurlaritza ez dela "ohiko" prozedura eramaten ari. Alegia, ez dela bertan parte hartzeko deialdi zabalik egin, ez formaziorik eta aparteko baliabiderik jarri ere, eta bidea arian arian egiten doazela. Beraz, bertan parte hartzen ari diren ikastetxeek aitzindaritza lan handiagoa daramate. Proiektu pilotuan abiatzea erabaki bazuten ere, bi ikastetxeek diote ez dutela inongo pistarik jaso administrazioaren aldetik, frogako bi urteak pasatuta gertatuko denaz. Jauzi egin aurretik, sarea bermatu zuten ikastetxeek, euren buruei marra gorriak jarriz: gurasoen kuota berak mantentzea, likideziari ikasturte osoan eutsi ahal izatea, sukaldean zituzten gailuekin funtzionatu ahal izatea, elikagaiak aldatu arren ikasleen ordura arteko gustuak kontuan hartzea, sukaldarien lan ohiturak ahal den heinean errespetatzea, begirale berak mantentzea... 3. Menuak, ekoizleak eta langileak Proiektua onartu ostean, menuak egiteari ekin zioten (ikus ondoko orrian "Menuak" koadroa). Menu horietan oinarrituta, ekoizleak hautatzea eta lan modua adostea izan zen hurrengo pausoa (zehatzago azaldua 24. orriko "Mitoak hausten" koadroan). Honen guztiaren eguneroko martxa eramateko, ikastetxe bakoitzak bere erako lantaldea osatu du: Gernikakoa Hego Euskal Herriko jantoki handienetakoa izanik, guraso elkarteak hasieratik ikusi zuen koordinatzaile bat egun erdiz kontratatzeko beharra. Koordinatzaile hau bulego berean elkarlanean aritzen da ikastetxe publikoetan egon ohi den jantokiko arduradunarekin (irakasleriaren zati den lanpostua). Markinakoa eskola txikiagoa izanik, oraindik ez dute horrelako apusturik egin, eta Garapen Agentzia da bere langileen bidez eguneroko lan karga arintzen diena: hornitzaileekin prezioak adostu eta hilabeteko plangintza egiten du. Izan koordinatzailearen bidez, izan Garapen Agentziako langileen laguntzaz, guraso elkarteak betetzen ditu beste ikastetxeetan catering enpresak dituen ardurak: menuak egitea, kontuak eramatea, erosketak egitea, hornitzaileei ordaintzea, begiraleak kontratatzea (bi ikastetxeek catering enpresen bidez azpikontratatu dituzte aurretik ari ziren begirale berberak)... Zelaia-Zugadik nabarmendu du aldea: "Ez dugula irabazi asmorik. Horregatik, gutxi gora behera %40 gehiago gastatu dezakegu elikagaietan. Horrela lortzen dugu kalitatea handitzea (ez dugu Jaurlaritzaren inongo aparteko laguntzarik jasotzen). Boluntario lanari esker dira gure aurrekontuak bideragarriak". 4. Martxan jartzean: sistematizatu eta egokitu Bi urteren buruan errealitate bihurtu dute euren ametsetako proiektua. Lehen urteak eskatzen du paperean diseinatutakoa etengabe praktikarekin kontrastatzea. Esaterako, ohartu dira berdela 2 urteko haurrentzat arriskutsua dela, hezur txiki asko duelako eta beraz, berdela ematen duten egunean txikienei legatza ematea erabaki dute. Edo arrozesnea egiten duten egunean, aurreko bi platerak denbora gutxian prestatzekoak behar dutela izan. Tipula gehiegi edo dilistak juxtuan eskatu dituztela... Begiraleak eta sukaldariak dira egokitzapen hauetan ekarpen gehien egiten dituztenak. Egiak pozik hartu zuen baieztapen hau: "begiraleak esan zidan, badakizu nola jango duten umeek fruta gehiago? eman denetik. Urtetan sagarra eta platanoa besterik ez diegu eman. Sartu kiwia, udareak, meloia... eta halaxe izan da. Lehen umeek patatak jan eta arraina ertzean uzten zuten, eta orain, Ondarroako arrain freskoa ekarrita, arraina dena jaten dute eta patatak dira ertzean geratzen direnak". Lehen dena izoztutako elikagaiak prestatzen ohituta zeuden sukaldariei eguneroko lana aldatu egin zaie, orain produktu freskoek eskatzen dute prestatzen esku lan handiagoa eta denborak ezberdin kudeatzea. Baina emaitzarekin denak daude askoz gusturago, eta eskolan zabaltzen den janari usaina (bereziki arrain freskoarena) jartzen dute denek adibide. Gernikarrek argi zuten hasieratik sistematizatu egin nahi zutela eguneroko lana. Zelaia-Zugadi: "Programa informatiko bat erosi dugu, diru asko kostata. Gure lana errazteko egin dugu, hor biltzen baitira balio nutrizionalak, hornitzaileak, gramajeak... eta ia automatikoki egin ahal izango ditugu hilabeteko menua eta kalkuluak. Baina ondorengoengatik ere egin dugu. Ez dugu nahi atzetik datozenak hutsetik hastea. Datu base hau partekatu nahi dugu, %70a eginda has dezaten beste ikastetxeek bidea. Beste batzuek gurekin egin zuten bezala, guk ere hurrengoak lagundu nahi ditugu". Bi urte barru zer? Jauzi egitea erabaki dute ikastetxeok, eta euren buruari frogarako epe bat eman diote: "Gai izango al gara ekonomikoki bideragarri egiteko?" horixe dute zalantza bakarra. Egiak honela kontatu du: "Paperean oso argi ikusten zen ekonomikoki emango zuela, baina estu ibiliko ginela ere bai. Horregatik erabaki genuen aurreko ikasturteko apiriletik ekainera martxan jartzea, hiru hilabete horietan froga egitea, eta diruek ez bazuten ematen, proiektua ixtea". Irailean berriz ateak ireki izanak erakusten du ekonomikoki bideragarria dela. Baina hasierako estualdia ez du ahazteko: "Hilero gurasoei berdin kobratu behar diegu, baina hilero ez dugu menu kopuru bera zerbitzatzen. Eta juxtu apiril eta maiatza diruak orekatzeko oso hilabete txarrak dira, egunero geratzen direlako bazkaltzen (ekainean, adibidez, hil erdian baino ez). Gainera irteerak izaten dira eta bokadiloak garestiago irteten dira, eta gehitu horri sukaldean inbertsioak egin behar izan genituela (izozkailua erosi genuen, labanak...). Larritu egin ginen, baina denborarekin ikusi dugu hilabete bat eta bestearekin orekatu egin zaizkigula kontuak. Kontuek ematen dute". Gernikako Allende Salazarreko zuzendari Marian Araucuak ere larritasun bakarra ikusten du: "Bekadunak diren ikasleek ez dute jantoki kuotarik ordaintzen, eta Jaurlaritzak ez du bekadunen dirua hilean hilean ordaintzen, otsaila aldera baizik. Horregatik, bekadunen dirua iritsi arte likideziari nola eutsiko diogun da gure duda bakarra. Gainerakoan, badakigu ongi joango dela". Zelaia-Zugadik konfiantza du diru kontuak orekatzeko hartu beharreko erabakiak hartuko dituztela, beharrak estutzen baditu: "Kuota bera da, administrazioak aurrekontu bera jartzen du, eta emaitza guztiz ezberdina da. Ikasturte hau titular honekin bukatzea da gure helburua: 'Baliabide berberekin, eredua aldatu da'. Lehen ikasturte honetan ikusiko da zer kalitateko jakiak ematera iristen garen. Ez dugu arazorik aldaketak egiteko ere". Irribarretsu begiratzen dio etorkizunari: "Guk lanak ondo egingo ditugu, eta gure helburua da, EHIGErekin batera, proiektu hau gainerako ikastetxeetara zabaltzea. EHIGErekin Gure Platera Gure Aukera proiektuan ari gara parte hartzen, helburu berarekin: aurrerantzean ekin nahi dioten eskolei laguntzea, asesoratzea. Gure esperientzia eta gainerako ikastetxe aitzindariena hor jarriko dugu, besteen eskura. Espero dezagun bi urte barru ongi baloratuko dela proiektua eta Jaurlaritzak atea irekiko duela ikastetxe gehiagorentzat".
news
argia-ca25dfa258c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/alez-lekale-txitxiriodia.html
Alez lekale, txitxiriodia
Jakoba Errekondo
2016-10-16 00:00:00
Alez lekale, txitxiriodia Neguaren amaiera urrunean izerdi berria bor-bor hasi zen hartatik joan berria den ilbehera arte, ugaldu nahi genituen landareen aldaxkak itsasteko, lekaleen hormonak erabili ditugu barra-barra. Lekale jende hori oso egokia da langintza horretarako: dilista ( Lens culinaris ), txitxirioa ( Cicer arietinum ), babarruna ( Phaseolus vulgaris )... Sendi zabala da, ordea, alea leka barruan ematen dutenen hori: baba ( Vicia faba ), ilarra ( Pisum sativum ), hirusta zuria ( Trifolium repens ), hirusta gorria ( Trifolium pratense ), pagotxa ( Trifolium incarnatum ), alpapa ( Medicago sativa ), erua (Vicia ervilia ), ailorbea ( Trigonella foenum-graecum ), itsabalki arrunta ( Melilotus officinalis ) eta itsabalki zuria ( Melilotus alba ), usobelar horia ( Lotus corniculatus ) eta usobelar gorria ( Tetragonolobus purpureus ), aixkola ( Lathyrus sativus ), astailarra ( Lathyrus aph aca), astorkia (Onobrychis viciifolia), itxiokorria (Ononis spinosa), zalkea (Vicia sativa), suila ( Hedysarum coronarium )... Mordoxka bat faltako da zerrenda horretan. Izan ere, gure ahosabaiak ahaztu dituen zenbat lekale landu izan ditu gure kulturak? Geu garen azienda nagusiak jaten zituenak batzuk, baina baita gero geuk jango genituen azienda xeheak zein larriak jatekoak ere. Ahaztu horien artean, jende jakin bakan batzuen ahotik soilik entzun izan dudan txirta daukat nik goraintzian. Ez dakit zein landare den txirta. Lekaledunen artekoa dela bai. Batek lore horiak dituela ere esan zidan, txorten luze baten punttan multzoka bildutakoak, agidanean. Hortik aurrera zipitzik ere ez. Geuk jaten ditugun lekaleetara itzuliz, milaka urtean gure etxeetako emakumeek hautespen kultural zehatza egin dute. Horren ondorioz, ale gero eta handiagoak goxoagoak samurragoak finagoak eskaintzen dituzten lekak emateko aldaerak edo barietateak bereizi eta gorde izan dituzte. Bidean geratutakoak ere izango dira. Berriak ere badatoz, ordea. Lehengo batean erakustera joan eta lezioa hartu nuen Bizkaian; Arantza Bilbaok eman zidan bere lanaren erakusgarria: etxean egiten hasi den txitxirioa. Etxea Munitibarko Gerrikako Gerrikagoiti da, XVI. mendearen hasierakoa. Ehunka eta ehunka urteko katea. Amonaren amona eta haren amona, eta amona, eta amona... Malkoei eutsi ezinik idazten dut hau...
news
argia-2be30bc036f1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/marko-polo-kontrako-noranzkoan.html
Marko Polo kontrako noranzkoan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2016-10-16 00:00:00
Marko Polo kontrako noranzkoan Pekin, XIII. mendea. Marko Poloren hitzetan, "munduko hiririk handiena, ederrena eta aberatsena" zen, baina garai hartan Khanbaliq (Khanaren hiria) zuen izena, Kublai Khan buru zuen mongoliar inperioaren hiriburua baitzen. Hantxe jaio zen 1220. urte inguruan Bar Sauma, gerora, monje nestoriotarra izaki, Rabban (maisu) titulua jaso zuena. Rabban Markos dizipulua lagun, Lur Santura bidaiatzea erabaki zuen. Pekinetik Jerusalemerako 7.000 kilometrotik gorako bidean, Gobiko basamortua inguratu, Himalayako goi-ordokiak zeharkatu eta hainbat gatazka saihestu behar izan zituen. Behintzat,  Zetaren Bideko karabanen laguntza eta Kublai Khanen beraren babes ekonomiko izan ziten abenturan. Ez dakigu noiz abiatu zen Pekinetik, baina 1266an iritsi zen Pertsiako Ilkhanerrira, zehazki Bagdadera. Handik urte gutxira Marko Polo merkatari veneziarra ere handik pasako zen, baina kontrako noranzkoan; bi bidaiariek ez zuten sekula topo egingo. Bagdaden bost urte eman eta gero, bertako Ekialdeko Elizako Patriarka izendatu zuten Bar Sauma. Izendapena Ilkhanerriko buru Abaqa Khanek berretsi behar zuen, baina gortera iritsi zenean, Abaqa hil berriaren seme eta oinordeko Arghun Khanekin bildu zen, eta hark oso bestelako asmoak zituen maisuarentzat. Arghun Khanek Europa kristauaren eta Ilkhanerriaren arteko aliantza egin nahi zuen mamelukoen aurka, eta Rabban Bar Sauma pertsona egokia zen horretarako: kristaua (nestoriotarra) zen, pertsieraz hitz egiten zuen eta Ilkhanaren aholkularien konfiantza zeukan. Zeregin diplomatiko berria medio, 1287an abiatu zen Europara. Itsaso Beltza zeharkatuta, Konstantinoplan, Androniko II.a Bizantzioko enperadorearekin bildu zen. Parisen, Frantziako Errege Filipe IV.arekin izan zuen elkarrizketa; Bordelen, Eduardo I.a Ingalaterrakoarekin eta Erroman Nikolas IV.a aita santuarekin. Dignatarioari ohore  guztiekin egin zioten harrera gorte guztietan, baina ez zuen itunik lortu. Mamelukoak baino arazo hurbilagoak zituzten eta fraidea esku hutsi itzuli zen Bagdadera. Azken urteak Maragheko monasterioan eman zituen, bidaia txundigarrietan bizitakoa idatziz jasotzen, 1294an hil zen arte. Baina Marko Polorekin gertatu ez bezala, Rabban Bar Saumaren abenturak mende luzez ahaztuta egon ziren, XIX. mendean haren izkribuak aurkitu zituzten arte.
news
argia-591c7889cb39
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/aliziaren-ispilua-urratu.html
Aliziaren ispilua urratu
June Fern�ndez
2016-10-16 00:00:00
Aliziaren ispilua urratu Playmobil eta Planeta de Agostinik Historiaren abentura panpina bilduma plazaratu zuten: 74 figura historikoak, guzti-guztiak, gizonezkoak ziren. Albistea hedatu eta internet bidez jasotako sinadura eta kexen presioari erantzun behar izan zieten bi enpresek, emakumezkoen figurak gehituko zituztela aginduz. Pikara -ko facebook orrialdean guztion artean zerrenda bat egitea proposatu genuen, eta izen pila bat bota genuen: Ada Lovelace, Mary Shelley, Rosalind Franklin, Emma Goldman, Lesbosko Safo, Mary Wollstonecraft, Gougeseko Olimpia, Miletoko Aspasia, Hildegarda Bingen, Jane Austen... Sandra Álvarez, Negra cubana blogaren egileak komentario bat utzi zuen horren harian: "Orain zenbatu zenbat emakume txuri aipatu dituzuen eta zein presentzia eskasa daukagun emakume beltz eta indigenek zuen hautaketan". Egia borobila, apenas Angela Davis, Rigoberta Menchú eta Wangari Matai zeuden zerrenda inprobisatu horretan. Aurreko artikuluan "burkini" delakoaren polemikan erortzeaz damutu nintzela kontatu nizuen eta hortik abiatuz, feminismo deskolonialaren beharraz apur bat aritu nintzen. María Reimóndez itzultzaile eta aktibista galegoaren Rachar o espello de Alicia: por un feminismo decolonial artikulua argitaratu dugu Pikara- n. Hain ondo eta sakon azaltzen duenez behar hori, bere hausnarketak ekarri nahi dizkizuet. Alizia herrialde miresgarrian ipuinaren metafora erabiltzen du, mendebaldeko feministok beste testuinguruetako emakumeengana hurbiltzeko dugun era kritikatzeko: "Bera, Alizia, erraldoia eta egia borobilaren jabe, ezagutzen ez duen paisaia baten erdian, bere testuinguru txuri eta erosotik interpretatzen saiatzen da". Mendebaldea feminismoaren eta giza eskubideen abangoardia dela esatea kolonialista dela gogorarazi nahi dut. Izan ere, eta esaterako, queer mugimendua edota feminismo beltzak Ameriketako Estatu Batuetan jaio zirela entzuten dudanean, "a ze kasualitatea, dena AEBetan sortzen da?" pentsatzen dut Feminismoan "intersekzionalitate" hitza modan jarri den arren, Reimóndezek "beste" emakumeen esperientziak interpretatzeko bi joera identifikatzen ditu. Alde batetik, euren borrokak txalotu baina aldi berean exotizatu: Indiako sari arrosaren aktibistak miresten ditugunean, esaterako. Bestetik, nagusitasun jarrera etnozentrikoa: Afrikako emakume gixajoek bizi dituzten indarkeria "basatiak" salatzen ditugu, neurri handian kolonialismoaren aztarnak direla azaldu gabe. Bi kasuetan, ez dugu "besteen" esperientzietatik gurera irakaspen handirik ekartzen: "Feminismoak (eta giza eskubideak) mendebaleko sorkuntza direla esatea ez da soilik kaltegarria, faltsua baizik. Guk ditugun eskubide asko, esaterako edateko ura edo sendagai generikoak, Hegoaldeko landa mugimenduei esker lortu dira", gaineratzen du Reimóndezek. Bere artikulua irakurri ostean, honako konpromisoak berretsi ditut:     Irakurtzen ditudan pentsalari feminista denak, txuriak eta Iparraldekoak, ez dira berme.     "Besteen" zapalkuntzei buruz iritzia eman ordez, euren diskurtsoetan eta borroketan sakontzea.     Mendebaldea feminismoaren eta giza eskubideen abangoardia dela esatea kolonialista dela gogoraraztea. Esaterako, queer mugimendua edota feminismo beltzak Ameriketako Estatu Batuetan jaio zirela entzuten dudanean, "a ze kasualitatea, dena AEBetan sortzen da?" pentsatzen dut.     Feminismoa gainerako emakumeak ebanjelizatu behar dituen abangoardiatzat hartu ordez, pertsona anitzen jakituria eta praktikez aberasten den mugimendu iraultzailetzat hartzen ulertzea eta praktikatzea. Laburbilduz, María Reimóndezek Mendebaleko feminismoei eskatzen dizkien bira nik neuk ere egunerokoan egin: Alizia erraldoi eta trakets hori bezala jokatzeari utzi.
news
argia-d28765de577e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/objektibitatearen-faltsukeriaz.html
Objektibitatearen faltsukeriaz
Eric Dicharry
2016-10-16 00:00:00
Objektibitatearen faltsukeriaz Zer ikasi dugu Pierre Bourdieu soziologoarengandik, bereizte kontzeptua ez bada? Aski dugu bulegokraziaren korridoreetan paseo baten bidez atez ateko itzulia eman, jakiteko instituzio publikoek bereizte kontzeptuak gorpuzten dituztela. Objektibitateak sistemaren erreprodukzioak irudikatzen dizkigu: holako aita halako seme-alaba. Instituzio publikoetan sartzeko estrategiak martxan ezarri behar dira, baina ibilbide intelektuala ez da nahikoa. Ez da nahikoa argi izatea, instituzio publikoetan sartzeko ez dela nahiko ikasle ona izatea. Beraz, seme-alabei ez diegu gezurrik kontatu nahi. Aldiz, gezurrak esan ordez, Bourdieuk utzi zizkigun aztarna intelektualak irakatsi behar dizkiegula uste dut. Instituzio publikoetan sartzeko garrantzitsuena sare batean parte hartzea da. Sartu baino lehen, barnean senideak behar dira, odolekoak edota senide ideologiko politikoak. Sail batzuetan feminista izan behar da, beste batzuetan abertzale. Beste zenbaitetan ongi ikusia da esatea ez zarela politizatua. Fakultatean irakasle izateko fakultatean ikasten ez diren kodeak barneratu behar dira. Kode horiek familian ikasten dira. Ahapeka ikasten dira. Mikrozirkulu pribatuetan. Determinismo eta bereizte prozesuak ulertu ez dituztenentzat hitz bat badago: inozoa. Instituzioetako agintariei edota boterean daudenei kritikak zuzenki eta frontalki egiten dizkietenei inozo deitzen diete. Erreprodukzioen mekanismoak ondo barneratu dituztenek gauza bat ikasi dute: kritika frontalak egiteko sistemaren zati bat izatea itxaron behar dela. "Kenezina" izaten itxaron behar da. Bizitza guztirako estatuaren funtzionarioa edota instituzio baten funtzionario aldaezina izaten. Lanbide finko eta babestu batean izaten. Instituzio publikoetan sartzeko garrantzitsuena, sare batean parte hartzea da. Sartu baino lehen, barnean senideak behar dira, odolekoak edota senide ideologiko politikoak Instituzio publikoen sartzeak edota deialdi publikoak maskarada beretik datoz. Haien legitimazio subjektiboak objektiboak bilaka daitezen aditu batzuen izenak behar dituzte. Botere edota instituzioetatik jadanik baieztatuak izan diren aditu batzuen izenak. Sistemaren erreprodukzioa hortik hasten da. Artista, idazle, film egile, sortzaile, kultur funtzionario, diru publikoari esker perfusiatuak izan zirenetik hasten da. Legitimatuak beraz, arrisku gabekoak, susmagarri ezinak. Boterearekin fidelak. Hautaketa prozesua publizitate eslogan batean gorpuzten da. Canada dry delakoan bezala. Kanpotik ikusita, alkohola dirudi baina alkoholik ez duen edaria da. Instituzioek martxan ezartzen dituzte deialdi publikoak edota sartze konkurtsoak kanpotik objektibitatearen itxura dute, baina barnetik ez. Objektiboak izango balira bezala zabaltzen dira, webguneetan salgai izaten jarraitzen dute, gizarteari saldu behar baitzaizkio. n
news
argia-0b8d10996b4c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/liburua.html
Memoriaren bidegurutzean
Amaia Serrano Mariezkurrena
2016-10-16 00:00:00
Memoriaren bidegurutzean 80 urte igaro dira 1936ko Gerrak eztanda egin zuenetik, eta iragan hori oraindik ate-joka dugu. Euskal komunikabideetan gerra galdu zutenen oroitzapenak biltzen ari diren bezala, errepresioaren arduradunen goraipamenak ezabatzen dihardute Nafarroako kaleetan. Historia berridazten, birsortzen eta moldatzen ari gara etengabe. 2016ko Donostiako Zinemaldiak ere egin dio keinu memoriari (ala ahanzturari, nola begiratzen den), errealitatea iraganean bizi duen emakume errenteriarraren istorioarekin. Ni ez naiz hemengoa dio Josebek bertan, Joseba Sarrionandiak zioen bezalatsu. Ildo horretan, gomuta-lekutzat har dezakegu Antzararen bidea . Eleberriak ia hamarkada bete badu ere, gaia nahiz garaia oso gertukoak ditugu euskaldunok, eta bertako pertsonaiek bizi-bizirik diraute. 1936ko nafar Erribera eta 2003ko Donostia. Bi une historiko horietan pentsamendu eta jokabide ezberdinetako pertsonaiak biltzen ditu Jokin Muñozek, nahiz eta polifonia horretan bi bakarlari nagusitzen diren: batetik, gerra hasi berritan Donostiara ihes egin behar duen agurea (Jesus) eta, bestetik, semea bonba bat manipulatzen ari zela hil zaion emakume gaztea (Lisa). Ezinezkoa dirudien ispiluaren alde banatan dago bakoitza, kezka existentzial berberen aurkia eta ifrentzua direla konturatzera eramaten dituen arte. Ahots askoren artean bi horiek nabarmentzen dira, baina beste pertsonaia batzuen etengabeko zurrumurruak ere zeharkatzen ditu istorioak. Lehenaldiko oihartzunak dakartzan marmar horretan topatzen ditugu, esaterako, bi emakume oso ezberdin: Paula eta Candi. Eguna eta gaua, baina bi-biak zapalkuntza berak berdindurik, gerrako genero-indarkeriak markaturik. Bata, eraila; bestea, iragan hartan harrapatua. Jokin Muñozek, ohikoa duen gisan, euskaldunon minez dihardu, gure gizartearen arrakaletan arakatuz kritiko agertzen da, dela 36ko Gerrari buruzko diskurtsoan jazarriak izan diren taldeen ahotsak gerturatuz, dela gatazkaren inguruko irakurketa-proposamenean ezker abertzaleen jarrera batzuk salatuz. Hori guztia hizkuntza literario landu eta onduan eskaintzen digu idazleak: Erriberako paisaien deskribapen ederrak, narratzailearen ironia fina, askotariko ispilu-jokoak, intrigari eusten dion erritmoa, pertsonaia batzuen umorea... Hala, zilegi den memoriaren eta ez denaren arteko tentsioa azaleratuz, hamaika galdera eta berrirakurketa gorpuzten ditu Antzararen bidea eleberrian, denborari iskin egiteko eta haren joanaz hausnartzeko aitzakia bilakatzen dela.
news
argia-bf4039fe9a7e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/carme-junyent-hizkuntzalari-eta-bartzelonako-unibertsitateko-irakaslea.html
"Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak"
Miel Anjel Elustondo
2016-10-16 00:00:00
"Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak" Iragan irailaren 21ean hitzaldia egin zuen Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Carme Junyentek Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren fakultatean, Oihaneder Euskararen Etxeak antolaturiko Hitz adina mintzo zikloaren aurkezpenean. Hizkuntzen heriotzaren gainean solastu aitzinetik, Junyentek aipatu zikloaren kalitatea azpimarratu zuen, adituen maila bikaina goretsi eta entzuleak saio guzietan parte hartzera gonbidatu. Unibertsitatean egin hitzaldian hizkuntzen heriotza zuen gaia Carme Junyentek, baina lehenbiziko sorpresa etorri zen katalanez solastu baitzen hasi eta buru. Hortik heldu diogu elkarrizketari. Katalanez egin zenuen hitzaldia. Proposatu zidaten, eta ez nuen eragozpenik izan. Hitzaldiaren testuingurua aintzat hartu behar duzu, hizkuntzen aniztasunaz kezkaturik dagoen jendearen aitzinean ari nintzen, eta katalanez ari, erakutsi nahi nuen hizkuntzak bizirauten laguntzeko modua dela interkonprentsioa lantzea. Zinez, ez da laguntza ttipia ere. Ez dugu esperatzen pertsona guziok hizkuntza erromaniko guziak ikastea ere –erromanikoak, gure kasu honetan–, baina egia ere da hizkuntza erromanikoetako bat solasten dugunok, gainerako erromanikoak aski ongi konprenitzeko gisan garela. Aski dugu egokitzeko ahalegin ttipi bat, ez sobera handia, egitea. Ahalegin ttipi bat da. Bai. Anitzetan jokatzen dugu gisa horretan hizkuntzalariok. Errateko maneran, jardunaldi bat egin zaharra ere ez dugu lau hizkuntzalari japoniarrekin. Gure buruei galdegin genien nola egin genezakeen ingelesa baliatu gabe, hori aise baita beti, lehenbiziko asmatzen den soluzioa duzu. Hizkuntzalarien artean bazen bat katalanez solasten zekiena eta, bistan da, katalanez solastu zen. Bigarrenak, Belgikan ari baita lanean, frantsesez daki, eta frantsesez komunikatu zen. Hirugarrenak okzitanieraz zekien, eta halaxe zen solastu. Laugarrenak, ez baitzekien hizkuntza erromanikorik, esperantoz jardun zuen! Liburua argitaratzean, lau hizkuntzetan ageri dira artikuluak, eta bertzalde, katalanezkoa japonierara itzulirik ere eman dugu. Eta denak kontent. Ingelesez egin izan bagenu, egia erraten dizut, ez zukeen interesik, ez zatekeen jardunaldietara nehor etorriko. Egitateon bidez erakusten dugu zinez posible dela hizkuntzen bizirautea eta hizkuntzen aniztasuna. "Anitzetan erraten didate, Francok katalana mehatxupean jarri zuela, eta egia da, baina Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako" Jarrera positiboa da ezinbertzeko. Zerutik jakina duzu. Bertzalde, jarrera positiboa baldin baduzu bozkarioan bizi duzu bizia, ziurrenik. Badakit, haatik, gehiengoen hizkuntzetako hiztunek nekez barneratzen dutela erraten ari naizena. Ez dute esperientzia bizi izan, ez dute sentitu, ez dakite zertaz ari garen ere. Euskal Herrira anitzetan etortzen bainaiz, gehien inpresionatzen nauen gauzetako bat da zenbatetan eta zenbatetan egin behar diozuen uko zeuen hizkuntzari, zuekin bizi den jendeak ez dakielako euskaraz. Horiek ez dute pentsatu ere egiten, ez dute planteatzen, baina euskaldunarentzat gogorra izan behar du behin eta berriz eta anitzetan hizkuntzaz aldatu behar izatea. Gutixko gara marea handi horri uharka egiteko. Gutxi izateak are ardura handiagoa duzuela erran nahi du. Zenbait hizkuntzak ez du ahaleginik behar bizirauteko. Aldiz, hiztun gutxi, edo gutixko, dituzten hizkuntzen hiztunak euren hizkuntzan solasten ez badira, ezinezko da hizkuntza horrek luzaz irautea. Erran nahi baita, hizkuntza gutxitu bateko hiztunak hizkuntzarekiko konpromisoa duela, bere ardura du, eta inoren aitzinean bere hizkuntza gutxituan solasteak ez du ikustekorik bertzearekiko errespetuarekin ez oldarkortasunarekin: bata bertzearen ondoan baldintza berdinetan bizitzea bertzerik ez da hori. Behin, horixe erran nuen Iruñean, eta hizkuntz eskolako irakasle bat solasean etorri eta erran zidan: "Bai, anitzetan kanbiatu behar dugu gure hizkuntzatik bertzera, baina, ordainetan, badakigu zein tabernatara joan, zein okindegitara, euskaraz solasteko". Niri izugarria iruditu zitzaidan, horrek bi komunitate sortzera eramanen baikaitu ezinbertzez. Oroz gain, gauza bat erakutsi beharko genuke, elebakarrek duten ezintasuna, elebidunek egiten dutena egiteko, alegia, hizkuntza bat baino gehiago ikasteko. Elebidunek egiten ahal dute, elebakarrek ez? Hizkuntza bat baino gehiago jakiteak poz handiak ematen ditu. Elebakarrak, bertzalde, bertze hizkuntzarik ez dakitelarik, euren auzoak baino gutxiago direla, gaitasun ttipiagoa dutela erakusten ari dira. Zer egin elebakarrekin? Gehiengo hizkuntzak solasten dituzten hiztunei dei egitearen aldekoa naiz ni, oroz gain haien elkartasuna eta solidaritatea behar ditugulako. Kontuan hartu behar da gizateriaren %96k munduko hizkuntzen %4 solasten dituela, eta alderantziz, gizateriaren %4k munduko hizkuntzen %96 ematen dituela. Oreka ekolinguistikoa berreskuratzekotan, nahitaezkoa dugu gehiengo hizkuntzetan mintzo direnen solidaritatea. Hizkuntzen heriotzaren gainean solastu zinen Gasteizen eginiko hitzaldian, eta ez direla beraien ezaugarriengatik hiltzen erran zenuen. Hizkuntzak ez dira hiltzen modernoak ez direlako, azpigaratuak direlako... Barbaridade handiak erraten dira. Euskaraz denaz bezainbatean ere bortzetan baino gehiagotan aditu dugu ez zegoela modernitaterako prestatua, eta aldiz, esperientziak erakutsi du gezurra dela hori ere. Hizkuntza guziek gaitasun eta ahal berak dituzte. Eta hiltzen dira hiztunek egiten duten presioagatik, hizkuntza jakin batzuk hil daitezen. Horrela hil dira hizkuntzak, badakigu, eta hori dakigularik, beharko genuke gai izan egoera iraultzeko, eta oroz gain, artean garaiz gabiltzan bitartean erabilera eta transmisioa ziurtatu, klabe baitira, giltza. "Hizkuntz dinamizatzaileak jabetzen ari direnez, gakoa ez da erabileraren formaltzea, bat-bateko erabilerari eragitea bertzerik" Elebitasunaren onurak bertzerik ez dira aipatzen, baina elebitasunaz bi hitz baino gehiago egin zenuen zuk hitzaldian. Bereizi behar da: bata duzu elebitasun indibiduala, eta hor ez duzu deusen kalterik. Inork bi hizkuntza edo gehiago jakitea eta solastea arras ongi da. Bertzerik da, ordea, komunitate baten barnean kanpotik ekarri duzun bertze hizkuntza bat sartzea, eta bigarren hizkuntza honek lehenbiziko haren lekua hartzea, ordezkatzea, lehenbiziko haren heriotza ekartzeraino. Prozesu horrek hiltzen ditu hizkuntzak. Elebitasuna ez da kausa, baina ordezkatze prozesua gerta dadin ezinbertzeko baldintza duzu. Anitzetan erraten didate, Francok katalana mehatxupean jarri zuela, eta egia da, baina Francoren sasoian katalanak ez zuen hiltzeko perilik, hiztun elebakarrak bazirelako. Orduan, ezinezkoa zen hizkuntza desagerraraztea. Gure amatxik, erratekoz, ez zekien katalanez bertzerik: alferretan zen hari gaztelania inposatzea. Gaur egun, dena den, zentzugabea da gizarte elebakarraren aldarri egitea, Internet eta gainerakoak hor direlarik. Gure lehenbiziko proposamena da –eta bertze gizarte batzuetan begira ibili eta gero egiten dugu–, gizartea eleaniztuna dela onestea. Katalunian, hasteko, %10ek baino gehiagok ez du katalana ez gaztelania lehen hizkuntzatzat. Hortaz, balia dezagun egoera, hizkuntzen arteko erlazioak birpentsatzeko, elebitasunetik harantzago joanez. Erabilera, transmisioa, hizkuntz ordezkapena… hondarreko, biziberritzera jo behar. Orain hori da kezka, kasik kolapso egoerara ailegatu garelakoz. Erratekoz, apirilean hizkuntzen biziberritzearen gaineko lehenbiziko biltzarra eginen dugu Bartzelonan, Viceko eta Indianako unibertsitateekin batera. Zinez harrituak gara, proposamen anitz jaso baitugu, eta, oroz gain, adituen eskutik baitatoz. Erraten genuen ez genuela, bertzerik gabe, akademikoen kongresua egin nahi, hizkuntz aktibistak ere nahi genituela. Eta harrigarria da ikustea jendeak saiatzen dituen bideak: musikaren bitartez ari dira, edo joko eta jolasen bitartez; hau da, eskolarekin ikustekorik ez duten sozializazio jardueren bidez. Hizkuntz dinamizatzaileak jabetzen ari direnez, gakoa ez da erabileraren formaltzea, bat-bateko erabilerari eragitea bertzerik. Ikusiko dugu biltzarrak zer dakarren, baina uste dut ideia hori ongi errotzen ari dela guzion gogoan: erabilera eta transmisioa dira oinarri. Gainerako elementuak hautazkoak izan litezke, baina bi horiek, erabilera eta transmisioa, ezinbertzekoak dituzu. Eta, bertzalde, erabilera hori espontaneoa izan dadin saiatu behar da. "Katalunian pertzepzioa da, leku anitzetan ez dela gaztelaniara jotzen: nik erran nezake baietz, leku guzietan pasatzen ari dela ikasleak gaztelaniaz solastea" Nola dira gauzak Katalunian? Irudi luke hizkuntza bizi-bizirik dela eta, zuk, aldiz, gauzak ez direla batere horrela erran zenuen. Horixe da diskurtso ofiziala, gauzak ongi doazela, baina ez da horrela, ikusi bertzerik ez dago bateko eta bertzeko eskolara joan eta. Ez da denbora anitz, orain artekoak ez bezalako lana argitaratu dugu: eskualde oso bat hartu genuen aztergai, eta hango eskola guzietara joan ginen. Eskualde dena delako horretan bada denetarik, badira industri zonaldeak, nekazaritzakoak... Horietako herri batera joan –non ustez denak katalan hiztunak baitira, eskolako hizkuntza ere katalana–, jo patiora eta neska-mutilak gaztelaniaz ari jolasean. Ez dakizu zendako den hori horrela, baina hori duzu errealitatea. Katalanaren gainean solasean, jendeak metropolia du beti gogoan. "Gironan ez da horrelakorik gertatzen, gelatik kanpora ere katalanez solasten dira ikasleak!" erranen dizute, "Vic-en ere ez, Vicen ere katalanez ari dira!". Baina batean eta bertzean izana naiz, bertatik bertara ikusi dut, institutuetara joan naiz, eta badakit zer aditu dudan: ikasleak gaztelaniaz. Eta, hala ere, hori da pertzepzioa, leku anitzetan ez dela gaztelaniara jotzen: nik erran nezake baietz, leku guzietan pasatzen ari dela ikasleak gaztelaniaz solastea. Diskurtso ofiziala bide batetik, errealitatea bertzetik. Dena ongi doala sinetsi beharko bagenu bezala. Trantsizioaren hasieran, %50ek zuten katalana lehen hizkuntza. Gaur egun, %36koa da zifra hori. Hamalau puntu egin dugu gibelerat 40 urtean, eta anitz da. Generalitatearen errolda datuek erraten dute, eta Bartzelonako Udalaren datuek ere ber gauza erraten dute, eta metropoliarenak... Etengabea da gibeleratzea. Zulu hizkuntzaren gainean solasean ariko bagina, pasatzen ari dena desagertze prozesua dela erranen genuke. Katalanaren gainean nola ari garen, ez. Datuak hor dira, gordin. Ez dira nik asmatuak. Gizartea aktibatu behar dela erraten ari dira gurean. Indiferenteak aktibatzea da beharrezko. Erratekoz, beti izanen da %15 bat hizkuntzaren militantez osatua, bertze %15 bat kontrarioz, eta %70, zatirik handiena, indiferentez osatua. Bada, %70 hori landu behar da. Militanteak hor dira beti, kontrarioekin ez da egitekorik, indiferenteak dira giltza. Hain xuxen, indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak.
news
argia-03a4b08cd495
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/lurrez-ondua.html
Lurrez ondua
Aingeru Epaltza
2016-10-16 00:00:00
Lurrez ondua Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak nobelan ikasi genuen gure lehengoak lur zirela edo haize zirela. Ikasi, orobat, gaur egun, gehienon izate mestizoak bi elementuei egiten diela leku, eta bakoitzak batetik edo bertzetik duen neurriak hein berean egiten gaituela gu. Euskal literaturan, luzaz biak nahasian ibili ondoren, haizea nagusitzen ari zaio aspaldi honetan lurrari. Patziku Perurena salbuespen. Perurenaren lurralde literarioak ez du izenik, harako Yoknapatawpha edo Obaba bezalakorik. Patzikuk ez du galtzarbetik atera bere idazlanetarako eszenatokia. Arantzako edo Lesakako marrak baimenik eskatu gabe zeharkatzen ditu, eta era berean sarbidea aurkitzen Oiartzuneraino. Ereñozu ez zaio arrotz, Berastegi ere ez. Uitziko gaina aise gainditzen du, eta ez da lotsa Basaburuan edo Malerrekan barneratzeko. Muga lausoak ditu, beraz, baina bihotz trinkoa: Goizueta sorterriak eta Leitza bizilekuak partekatzen duten sistema planetarioa; sateliteak barne, Uitzi, Gorriti, Areso, Ezkurra, Arano. Argi gelditu da: Patziku ez da Faulkner ez Atxaga, ezta nahi ere. Ez du fikziozko izenik asmatu nahi izan bere lanak tokitzeko, bertzeak bertze uko egiten baitio fikzioari. Irudimenaren bahetik pasatu gabeko istorioak maite ditu Perurenak, egiazki gertatuak, jende apalaren ahotik jasoak. Patzikuren edozein lan irakurtzea aski, ohartzeko noraino bizi duen jende zaharraren mintzoaren lilurak. Entzunari, gero, berrespena edo zigilua ematen dio udal eta eliz artxiboetako paper zaharrez baliatuta. Haren kasuan, idazlea erkatzailea da, fede emailea, testigantza kontraesankorren kaosaren antolatzailea. Bertze baten eskutan, ikerketa antropologiko hotza litzateke emaitza. Perurenarenean, fabulen gisara irakurtzen da. Batez ere, irakurlea egilearen lurraldekoa ez denean. Patzikuren hautua ez da arriskurik gabea. Haren liburuetan batek baino gehiagok ikasi izanen zuen aitona mozkorra zuela, izeba zaharra haur batez erditu zela gordean edo birraitonaren anaiak auzokoa garbitu zuela ukaldika. Memoria historikoaren beharra aldarrikatzen badugu ere, denek ez dute maite etxeko kontu ilunak horrela argiturik ikustea. Leitzako errege-erreginak ondu zuen bezala, ahoan bilorik gabe idatzi du Perurenak Hilen xarma, arestian aipatu lurraldean XIX. eta XX. mendeetan gertatutako heriotza bortitzen kronika. 1976koa du azkena. Hala ere, liburuaren hondar solasean (Epilogo modura, aizkorari oliadura),  ahotan hartzen du Jose Jabier Mujika UPNko zinegotziaren hilketa, 2001ekoa izan arren. Lerro horiek ere lagun guti ekarri izanen zioten bere herrian. Ingurukoen mutur-okerrek ez ahal diote inoiz luma uzkurtuko Patzikuri.
news
argia-a40ec6a4aad5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/nerea-perez-ibarrola-historialaria.html
"Egun badirudi ez dugula gauzak aldatzeko konfiantzarik"
Reyes Ilintxeta
2016-10-16 00:00:00
"Egun badirudi ez dugula gauzak aldatzeko konfiantzarik" Auzoetan eta fabriketan garatutako langile-klase nortasunak mundua zertxobait aldatzeko indarra bildu zueneko garaiaz mintzo zaigu ikerlaria. Langileen mugimendua aztertu duzu Iruñerrian. Zergatik sakondu duzu gero emakumeen egitekoan? Nire tesian ez nion gai horri bereziki erreparatu eta gero pentsatu nuen zergatik ez nuen hori egin. 50 elkarrizketa egin nituen tesirako eta horietarik soilik bost emakumeei. Etxetik kanpo lanean ari ziren emakumeak orain baino askoz ere gutxiago zirela eta langile mugimendu antolatuetan oso gutxi zeudela egia da, baina ulertu behar da langileen borrokan emakumeek parte hartzeko modu desberdinak izan zituztela. Halako mugimenduetan parte hartzeko ez da beharrezkoa Comisiones Obreraseko lider nabarmendua izatea. Hari horri tiraka hasi nintzen ikertzen eta ikusi nuen emakumeen egitekoa oso garrantzitsua izan zela auzoetan. Langileen mugimenduetan baino gehiago auzoko aldarrikapenetan eta mugimenduetan aritzen ziren emakumeak. Zergatik pentsatzen dugu askoz ere garrantzitsuagoa dela greban dagoen gizona, berak kobratzen ez duen bitartean familia bere gain hartzen duen emakumea baino? Edo meategiaren aho zulora bazkaria eramaten duen emakumea baino? Zergatik ematen diegu protagonismo gehiago parte-hartze modu batzuei besteak ere funtsezkoak badira? Emakumeen lana ezinbestekoa zen langileak hor egoteko eta grebak iraunarazteko. Eta beste galdera bat, funtzio hori horren garrantzitsua baldin bada, zergatik egin dute beti emakumeek? Nola sortu zen langile nortasuna Iruñerrian? 50eko hamarkadan jende asko etorri zen Nafarroako herrietatik Iruñera. Hiria industrializatu ahala, Txantrea eta Arrotxapea bezalako kanpo-auzoak hazten hasi ziren. Langile gehienak metalaren industrian eta automobilgintzan aritzen ziren. Auzoa ez ezik, errealitate sozioekonomiko berbera partekatzen zuten, baita bizimodua ere, eta horrek denak lagundu zuen gizarte-sare batzuk eta langile-nortasun bat sor zitezen. Harreman sareak sortu ziren hainbat esparrutan eta ideia trukeak izan ziren haien artean. Horri gehitu behar diogu 60ko hamarkadan Andaluziatik eta beste toki batzuetatik etorritako emigranteek egindako ekarpena. Horietako asko errepresio latza jasandakoak ziren eta bazekarten langile erakundeekiko nolabaiteko lotura. Frankismoaren aurkako garai eferbeszenteetan langile talde horiek beren nortasuna definitzen joan ziren. Zu txantrearra zara. Auzo komunitateen sorrera aztertzerakoan Txantrea hautatu zenuen adibidetzat, zergatik? Txantrea oso eredu ona delako. Langileek egindako esparru bat da. Oso interesgarria da aztertzea bertako bizimodua, bertako harremanak nola sortu ziren. Nekazaritza mundutik zetorren jendeak bizimodu komunitarioa sortu zuen. Auzolana edo elkartasuna bezalako baloreak oso barneratuta zeuzkaten. Auzoaren eraikuntza prozesua oso berezia izan zen. Hemen biziko ziren langileak beraiek hasi ziren etxeak altxatzen, 50eko hamarkadan. Haiek eraiki zuten auzoa eta auzo bizitza. Hor ikusten da nola hasi ziren sortzen harremanak eta nola zabaldu ziren auzo bizitzako esparru guztietara. Elkartasuna mantendu zen eta hurrengo belaunaldiei hori transmititu zieten balore positibo bezala. Harro sentitzen ziren haiek sortutako auzoaz. Etxeaz gain harreman esparruak eta sareak eraiki zituzten. Ez da kasualitatea auzoa sortu eta denbora gutxira peña bat irekitzea, Iruñeko Alde Zaharretik kanpo sortu zen lehen peña, hain zuzen ere. Francisco Franco patronatuak Iruñeko hainbat eraikuntza enpresarekin hitzarmenak zituen haien langileek haien etxeak eraiki zitzaten. Lan jarduna bukatutakoan ordu batzuk gehiago aritzen ziren egunero haien etxeak egiteko. Patronatuak materialak, tresnak, planoak eta lan teknikoa jartzen zuen eta langileek eskulana. Enpresaka eta taldeka banatu ziren kaleak. Etxe guztiak denen artean egiten zituzten eta gero parte-hartzaileen artean zozkatu. Horrela ziurtatzen zuten etxe guztiak berdinak izango zirela. Gerora, eraikuntzako langileak ez zirenek ere aukera izan zuten sistema horretan parte hartzeko. Geroago etorri ziren patronatuak berak eginiko etxeak, egungo babes ofizialekoen parekoak. Oso esperientzia kolektibo interesgarria da. Horrela sortu ziren populazio homogeneoko guneak, langile auzoak. Hortik datorkio Txantreari gaur egungo fama? Nik esango nuke baietz. Oso iragan polita eta erromantikoa da. Garai horretatik datoz harremanak egiteko moduak eta baloreak. Gehienek lantegi beretan egiten zuten lan, eta fabrikaren eta auzoaren artean norabide biko harremanak zeuden. Nolakoa izan zen Iruñerriko langileen mugimendua frankismoaren garaian? Oso aktiboa. 1958ko hitzarmen kolektiboaren legeak ahalbidetu zuen langileak elkartzea haien lan baldintzak hobetzeko. 60ko hamarkadan, langile mugimendu asko sortu ziren. Haien artean jite kristaukoek garrantzi handia izan zuten. Justizia soziala bezalako kontzeptuak zirkulazioan jarri zituzten. Behetik sortutako mugimenduak izan ziren Comisiones Obreras eta bestelako langileen antolamendu handien sorrera. Frankismo amaieran mugimendua oso garrantzitsua izan zen Iruñerrian. 1973ko Motor Ibéricako langileekiko elkartasuna edo 1974ko abenduaren 11ko greba izugarriak izan ziren. 1975ean Potasaseko meatzarien itxialdia ere mugarria izan zen. Greba ikaragarri luzeak egin ziren: Eaton 47 egunez egon ziren greban eta Imenasan 45, adibidez. Kontuan hartuta zein populazio txikia zuen Nafarroak eta zein berandu hasi zen hemen industrializazioa, oso interesgarria suertatzen da fenomeno hori.   Zergatik zen horren aktiboa? Hasieran auzoak giltzarri izan ziren langileria trinko bat finkatzeko Iruñerrian. Ondoren, 70eko hamarkadan, aurrez gertatu ziren langile-mugimenduen segida fabrikak izan ziren. Protesten eta aldarrikapenen egiazko motorra. Fabriketan batzordeak sortzeak, hitzarmen kolektiboak negoziatzeak, Sindikatu Bertikalaren egituren barrutik hainbat langilek egin zuten lanak eta gatazkek berek aukerak eman zituzten, eta langileek aukera horiek baliatu zituzten elkarrekin lan egiteko eta aritzeko. Iruñeko fabriken barruan, antolamendu-eredu berri eta nabarmen bat sortu zen, gero Nafarroa osora zabaldu eta diktaduraren azken urteetako gertakaririk esanguratsuenetako batzuetan gauzatu zena. Langile gehienak antifrankistak ziren? Antifrankismoa izan zen langile-nortasunaren osagai bat. Langileen ustea zen haien aldarrikapen sozioekonomikoek ez zeukatela etorkizunik diktadurak irauten zuen bitartean. Klase-nortasuna eta izaera antifrankista bat zen. Kapitalismoari zilegitasuna kendu eta alde batean zein bestean alternatibak bultzatu nahi zituzten. Identitatea sortzeko prozesu hartan, langileak jabetu ziren beren gaitasun eraldatzaileaz, eta horregatik diktaduraren azken urteak eta trantsizioa gizartea eraldatzeko aukera handi moduan bizi izan zituzten. Gaur egungo errealitatearekin alderatuta zer ondorioetara iritsi zara? Garai historiko desberdinak dira. Pentsatu behar dugu urte haietako langileak gai izan zirela diktaduran, errepresio bortitza jasan ondoren, esparruak bereganatzeko eta sortzeko, eta ekintzak sustatzeko. Egun badirudi ez dugula gauzak aldatzeko konfiantzarik. Orduan bazegoen. Ikusi beharko genuke nolako borroka motak abiatzen ahal ditugun, nahiz eta ez den erraza. Baina lehen posible izan bazen, zergatik ez orain? Borroka gogor egin zelako lortu ziren gauzak. Frankismoko testigantzak jasotzeko Iruñean zabaldu duten bulegoan ari zara lanean. Zein da helburua? Udalak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde baten laguntzarekin abiatu du ekimena. Helburua da Iruñean errepresaliatuak izan zirenei buruzko ahalik eta datu gehien biltzea, eta Argentinan jarria dagoen Frankismoaren delituen aurkako kereilan parte hartzeko erabiltzea. Maiatzetik informazioa, testigantzak eta dokumentazioa biltzen aritu gara. Jendearentzako erreferentzia puntu bat izatea nahi genuen, informazioa emateko, kezkak adierazteko eta barrenak askatzeko toki bat. Jende asko etorri da informazioa eskatzera eta ematera. Terapeutikoa, bide batez? Nik uste dut baietz. Jende askok entzuna izateko beharra dauka. Isiltasun handia izan da urte askoan eta memoria berreskuratzearen aldeko taldeek lan izugarria egin duten arren, oraindik behar hori dago. Erakunde batek babestutako proiektu batean beren familiaren historia kontatzeko aukera izatea eskertzen du jendeak. Hala ere, batzuek ez dute bere burua errepresaliatutzat jotzen, oso barneratuta daukatelako garaia horrelakoa zela eta horrela zela bizitza. Baina fusilamenduez eta kartzelaratzeez gain errepresio forma asko daude, oso sotilak, errepresiotzat maiz hartzen ez direnak. Adibidez? Errepresio sozioekonomikoa. Langileak kaleratzea greba egiteagatik edo lanik ez aurkitzea errepublikazale edo errepresaliatu baten seme edo alaba izateagatik. Datuak hildakoen kopuruetan gelditzen dira askotan, baina hildakoen familiek aurrera jarraitu zuten eta oso bizimodu gogorrak izan zituzten. Jende asko miserian gelditu zen. Guri, adibidez, jende askok esan digu ez dutela inoiz ikusi haien amona irribarrez edo ama beti triste gogoratzen dutela. Historia batzuk aditzea oso gogorra da. Gerraondoko errepresioa lehen lerroan bizi izan zutenak hiltzen ari dira, horregatik oso garrantzitsua da lan hau lehenbailehen egitea. Ereinotz koroa kentzen ari dira Diputaziotik, Mola eta Sanjurjo laster aterako dituzte hobietatik… pil-pilean dago gaia. Ikustekoa da nola gaiak hautsak harrotzen dituen oraindik. Horrek esan nahi du gauzak aldatzen ari direla, baina jarrera batzuk ez horrenbeste. Gaia ez dago oraindik normalizatuta.
news
argia-690c9c549787
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/txabola-batetik-amets-egin.html
Txabola batetik amets egin
Juan Mari Arregi
2016-10-16 00:00:00
Txabola batetik amets egin Olabeaga bilbotar auzoan, etxeetako aurrealde batean norbaitek hizki larriz idatzi du: Soñar (amets egin). Lehendik ere irakurrita nuen. Baina joan den astean deskubritu nuen hortik gertu txoko bat dagoela hiru txabolarekin, eta horietan "bizi" direla Boli Kosta, Ghana, Kamerun eta Senegalgo sei afrikar gazte. Haietako batek hara eraman ninduen, bere "etxea" erakusteko, harro. Ustekabean ezagutu nuen edukiontzi baten barruan prentsa papera biltzen ari zela, nik nire poltsa bota behar nuenean. Ogia, askatasuna eta paradisuaren bila, Mediterraneoko kostara pateran iritsi diren milaka etorkinetako batzuk dira. Paperik gabe bizi dira, poliziak noiz etorriko adi, ez baitaukate legezko lanik. Europar paradisuan hobe egongo zirela egin zuten amets eta bizitza arriskuan jarri zuten. Bilbora iritsi ziren, eta ozta-ozta bizi dira papera eta bestelako materialak biltzen, egunerokoan iraun eta urrun utzitako familiari diru pixka bat bidali ahal izateko. Etorkizun hobea amesten dute, duintasunez bizitzea –eta ez txaboletan– ahalbidetuko dien lan bat aurkituko duten esperantzan. Gurekin batera bizitzearekin egiten dute amets. Amestea libre da, eta txabola baten barruan amets egiteak egonaldi miserablea leundu dezake. Sistema kapitalista honek desberdintasuna, miseria, migrazioak eta gerra sortzen ditu, eta gazte hauen errealitatea horren isla da. Euren ametsak eta beste milaka migratzaileenak (ekonomikoak nahiz politikoak) egia bihur daitezen, beste sistema bat eraiki behar dugu, giza duintasuna, berdintasuna, justizia... ardatz izango dituena. Baina bitartean, elkartasuna beharrezkoa da, gertuko erakundeena (udal, foru eta autonomikoak) eta norbanakoona.
news
argia-e7d16b328a8a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/xabi-sanchez-goronaeta-sexua-erdigunean-jarrita.html
"Sexuan arreta jartzea gorputzera itzultzea da"
Arantza Santesteban
2016-10-16 00:00:00
"Sexuan arreta jartzea gorputzera itzultzea da" Iruñeak badu LGTBQI politikak garatu ahal izateko bulegoa. Kattalingorriko kideak gogor ibili dira lanean azken hilabete hauetan, ikasturte berriarekin batera bulegoko baliabide guztiak martxan jarri ahal izateko. Ekimena ez dator komunitate zehatz bati zerbitzu asistentziala ematera bakarrik, gizarte osoari egin nahi dio ekarpena: erreferentzia sexologiko berri bat izan nahi du pertsona guztientzat. Sexua ala generoa, non jarri arreta? Argi dago eraldaketa sozialean urratsak emateko bietan lan egin behar dela. Halere, uste dut azken urteetan denbora gehiago eskaini diogula generoaren auziari sexuari baino. Hamaika teoria garatu dugu horren inguruan eta asko aldendu gara sexutik. Generoa sexu soziala da, gertatzen dena da genero izena eman diogula, baina funtsean sexutik eratortzen da. Nire ustez, sexutik aldentzean "gorputzak" eskaintzen duen osotasunetik urruntzen gara, baita norbanakoen artean ematen den elkartzetik (enkontrutik) ere. Sexutik aldentzean, zer ahazten dugu? Norbanakoak elkartzean ematen diren aukerak, berezitasunak eta aldagaiak. Sortzen ditugun harremanetan, arreta jartzen dugunean, konturatzen gara generoaren eta botere harremanen inguruko teorizazio guztiak ez direla nahikoa enkontrua bera ulertzeko. Sexua bizitzea pertsonen arteko erlazio moduak zentrora ekartzea da: azken batean, hainbeste teoriaren artean, nola demontre egiten dugu zuk eta biok elkarren arteko harremana gauzatzeko? Badakigu subordinazio egoerak bizi gaituela, baina ez dakigu nola harremana egin elkarrekin. Gure inguruan, zein da esparru honetan ikusten duzun beharrik handiena? Euskal Herria oso herri bizia eta bitxia izan da beti. Dena dela, edozein herrialdetan dagoen bezainbesteko aniztasuna dago hemen, ez gara bereziki ezberdinak zentzu horretan. Alabaina, egia da Euskal Herrian korronte politiko handien eragina nabarmena izan dela; esate baterako, feminismoak potentzial izugarria dauka. Baina berriz ere diot, buruan eta teorizazioan gehiegi aritu gara eta gorputzaren ingurukoak ahaztu ditugu gehiegitan. Sinistuta nago gorputzaren inguruko ezagutzak eta jabetzeak potentzial politiko handia izan dezakeela, eta gurean horretaz jabetzea askapen prozesuetarako erabakigarria izan daitekeela. LGTBQI kolektiboak eta feminismoak bat egiten duten une hori; zein da? Nire ustetan gehiago elkartu beharko lirateke; iturburu errepresibo berbera konpartitzen dute, heteropatriarkatua, hain zuzen. Halere, oso bilakaera ezberdina izan dute. Emakumeen borroka batetik, homosexualitatearena bestetik eta transexualitatearena azkenik. Ordena honetan garatu dira aldarrikapenak, neurri batean itxarote-zerrendak eta hierarkiak izan badirelako. Eskua emanda aritu beharko lirateke, beraz? Jakina. Eta ez dut kritika modura esaten, azken batean, jendea gauzen alde mobilizatzen denean mugitzen dira gauzak, eta emakumeen aldeko borrokak jende asko mugiarazi du. Halere emakume/gizon kategoriak aldarrikatzea politikoki baliagarria izan badaiteke ere, nire ustez intersekzionalitateaz hitz egiten hasi behar gara. Aliantza horrek, beraz, horretan egin dezake indarra: nola egin dezakegun denborarekin binarismoa gainditzeko eta bestelako identitateak aldarrikatzeko. "Emakumeen borroka batetik, homosexualitatearena bestetik eta transexualitatearena azkenik. Ordena horretan garatu dira aldarrikapenak, neurri batean itxarote-zerrendak eta hierarkiak izan badirelako". LGTBQI, gero eta gehiago luzatzen den terminoa... Ulergarria da guztiz. Pentsa, pertsonen baitan ordena guztietako maskulinoek eta femeninoek bat egiten dute: sozialek, kulturalek, endokrinoek, biologikoek… Horiek guztiek norbanako intersexualak garela adierazten digute, eta horrek ez du zerikusirik genitalitatearekin. Zentzu horretan, LGTBQI mugimendua kluster bat da. Akronimo horrek identitateaz eta orientazioaz hitz egiten digu: denborarekin adieraziz joan gara zer ari garen aldarrikatzen, eta aniztasun horri guztiari buruz hitz egiten dugu norbera nahi duen lekuan koka dadin. Zein izan da Iruñean ireki berri duzuen bulegoaren ibilbidea? Oso luzea izan da. Duela hamasei urte hasi ginen honen aldeko lanean Iruñean. Dena hasi zen EHGAMen geundenean LGTB zerbitzu baten beharraren inguruko eztabaida egin ondoren, Gomik eta biok Amsterdamera egin genuen bidaia batekin. Bagenekien han mugimendu asko ematen ari zirela. Egin kontu, udal igerilekuak igandeetan homosexualentzat irekitzen zituzten, elkargune bat izan zezaten, eta horrekin guztiz liluratu ginen. Handik etorri eta Kattalingorri bulegoa ireki genuen Iruñeko alde zaharrean. Hamasei urte pasatu dira eta oraingo honetan bulegoa martxan jartzeko lagundu diguten arte ez dugu izan inolako babes instituzionalik. Honetan guztian, instituzioek zertan lagundu dezakete? Bada, hasteko, publikoa dena esanahi berriz betetzen. Alor publikoa jendearen alorra da, ez gehiago eta ez gutxiago ere. Zentzu horretan udal baliabideak, hau da, jendearen baliabideak, LGTBQI komunitatearen esku uztea publikotasunari beste dimentsio bat gehitzea da. Pertsona horiek guztiak instituzioen zerbitzurik eta arretarik gabe egon dira, eta hori ez da zuzena. Edozein kasutan, ez da zerbitzu asistentzial bat bakarrik izango, gizarte osoari begirako kanpainak egin nahi ditugu. Erreferentzia sexologiko berria izan nahi dugu Iruñeko herritarrentzat.
news
argia-9a59c9f092ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/osasuntsu-al-dago-euskal-zinema.html
Osasuntsu al dago Euskal zinema?
Gaizka Izagirre
2016-10-16 00:00:00
Osasuntsu al dago Euskal zinema? Aste batzuk pasa dira Donostiako Zinemaldiak argiak itzali zituela. Aurten, Zinemira sailean (Euskal zinemari eskainitako saila) sakontasun gehiagorekin murgiltzeko aukera izan dudanez, termometro paregabea iruditu zait datozen hilabeteetan estreinatuko diren euskal ekoizpenen osasuna neurtzeko. Orokorrean, sorpresa oso atseginak topatu ditut, bai film laburren arloan, baita fikziozko film, kontakizun esperimental eta batez ere dokumentalen artean ere. Dokumentalak Lehenengoa, proiektu oso interesgarria eta mamitsua. Juanmi Gutierrezek beste behin, oso ezaguna ez den beste errealitate bat pantailaratu baitu Oihalak adarretan dokumentalean. Baliabide eskasekin, baina aurreko lanetan egin bezala, sormen lan garrantzitsua eskainiz. Armeniar batek bere desira ezkutuenak betetzea nahi duenean, oihal zati bat zintzilikatzen du "nahien zuhaitzen" adarretatik. Zuzendari gipuzkoarrari tradizio horrek izenburu gisa balio izan dio bere azken dokumentalerako, Oihalak adarretan . Herri armeniarraren errealitatera gerturatzen gaituen lana, ikuspegi historiko, geografiko eta migratzailetik begiratuta. Gutik zura ekoizpenak berriz (Mari Jose Barriolak zuzendua eta Jon Maiaren gidoiarekin), basoaren, zuraren eta euskal jendartearen arteko harremanak izan duen, gaur egun duen eta izango duen balioa agertzeko aukera eskaini digu. Antzinatik etorkizunerako bidaia eginaz eta lur honetako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak lehen lanean, Mirentxu Loiarte ezagutzeko aukera izan dugu, Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren oihartzunak ; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.  Ezin ahaztu jakina, Eriz Zapirainen Gaur irekiko ditu ateak lanari esker, sorrera bati buruzko kronika ikusteko aukera izan dugula, Euskaldunon Egunkaria ren sorrera pozgarri eta itxaropentsua baitauka hizpide. Lanaren bi euskarri sendoenak: batetik, istorioa bera; elkarrizketatu ugariren bitartez sorrera gogor, polit eta pozgarri horren lekuko zuzen bilakatuko gaitu. Eta bestetik teknikoki bikaina dela, sinplea baina oso txukuna. Eta azkenik –dokumental eta fikzioaren artean mugitzen den arren– proposamen fresko, dibertigarri eta ganberroena, aurtengo Zinemira sariaren irabazlea: Pedaló . Juan Palacios zuzendari eibartarrak, Jon, Joseba eta Eneko euskal kostaldea zeharkatzen ipini ditu. Internet bidez pedalo bat erosi ostean, Biarritzetik Bilbora abiatuko dira, 20 egun iraungo dituen bidaia zoro batean. Oso gutxirekin, ekoizpen berezi, polit eta desberdina egin daitekeela frogatu digute. Fikziozko filmak Fikzioaren esparruan ere nabarmentzeko proiektuak izan dira. Koldo Almandozen lan bitxi eta erakargarria adibidez. Rotterdam-en estreinatua, Sipo Phantasma naufragioei, banpiroei, amodioei eta zinemari buruzko kontakizuna da.  Bram Stoker, Murnau, Oscar Wilde eta Nosferatu izan ditu hizpide, Florence Balcomberen (Maider Intxauspe) presentzia aztoragarria tartean. David Aguilar zuzendariaren Mara mara lan paregabea ere, nabarmentzekoa. Irudiak, muntaia, soinua eta batez ere hitzen gabezi horiek, modu zoragarrian uztartzea lortu du, hitzen bidez deskribatzea oso zaila den atmosfera sortuz. Eta azkenik, Igelak . Oso irregularra iruditu zaidan arren, ikusteko atsegina iruditu zait Patxo Telleriaren hirugarren lan hau. 97 minututan, momentu nahiko entretenigarria bizitzeko aukera eskaini didalako. Interpretazio egokiak, ongi errodaturiko une musikalekin tartekatuz eta irribarre txiki batekin amaitzeko abagunea eskaini didalako. Azken finean,  gure hizkuntza pantaila handian entzutea, beti delako pozgarria. Film laburrak Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2016 katalogoko 7 film laburrak ere aurkeztu dituzte (Euskal Herrian egindako film laburren aukeraketa). Gure hormek dokumental-laburra Maria Elorza eta Maider Fernandez zuzendariek osatzen duten Las chicas de Pasaik kolektiboak sinatu du. Egileek etxeko hormak hartu dituzte abiapuntu, emakumeen esparruari buruzko gogoeta zolia egiteko. Asier Urbieta egile donostiarrak False Flag thriller politikoa aurkeztu du. Eneko Sagardoy eta Maarten Dannenberg dira antzezle nagusiak. Beti bezperako koplak izeneko eta Begoña Vicariok koordinatutako proiektua berriz, Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako koplen harian egindako bertso baten interpretazioa da. Santa Ageda doinuaren erritmoa eta metrika erabiliz, genero indarkeria salatzen du modu gogor eta lehorrean. Film laburren arloan beste izen ezagun bat, Mikel Rueda: zuzendu duen Caminan dramak Maribel Verdú eta Germán Alcarazu ditu protagonista eta ezerezaren erdian elkartzen diren bi pertsonaia bakarti erakusten dizkigu. Saila osatzen dute Kepa Sojoren Hileta , Alejandro Díaz Castañoren Ihesa eta Loreak film luze sarituaren ostean Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak batera egindako Renovable lanek. Orain milioiaren galdera, noiz egongo dira ikusgai lan horiek guztiak? Izango duten ibilbide komertziala oso eskasa –hutsala?– izango denez, konplikatu samarra erantzuna ematea. Igelak ziur izango dugula zinema aretoetan ikusteko parada, baina gainerako guztiekin ia ezinezkoa izango dela iragartzen dut. Zorte apur batekin, herrietako kultur etxeetan ikusteko aukera izango dugu, zirkuitu alternatiboetan, ziklo berezietan edo agian telebistan. Baina beste askotan gertatzen den bezala, ostrazismoan galtzeko arriskua  daukate. Euskal zinemagintza osasuntsu dagoela diodanean, nitaz fidatu beste erremediorik ez duzue beraz.
news
argia-6d4fd0f5240c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/diskoa.html
Geruzen gainetik piztia
Iker Barandiaran
2016-10-16 00:00:00
Geruzen gainetik piztia Izen bera duen lagun on bat badut ere, ez zait berez erakargarria egiten ekintza-gunea Donostian duen talde honen izena, baina taldekideek izango dute horretarako arrazoirik eta, zer arraio!, beste askotan bezala ohituko gara seguru. Gainera, badirudi talde hau luzerako etorri dela; izan ere, hasierako pausoak irmo ematen dabil laukotea, eskaintza landua prestatu du, non-nahi jotzeko irrikan dago eta zer konta ere badu. Zer gehiago eskatu dezakegu? Taldearen arima eta arnasa den Lide Hernandok 2015ean ekin zion bakarka emanaldi akustikoak egiteari eta maketa ere kaleratu zuen. Gerora, musikari gehiago batu zitzaizkion eta, emaitzak gorputz handia hartuta, honako diskoa argitaratu dute beraien kabuz. Lide Hernando donostiarra berria da musikaren eszenan, baina badirudi emateko asko duela eta ahalegintzeko prest dagoela, gainera: horren erregistroak, horren ahots jarioa eta aniztasuna. Eta alboan musikari finak ditu, gehienak eskarmentudunak, Lideri gainetik proiektatu eta hegan egiteko lurzorua zaindu eta errazten diotenak, dotoreak. Horien artean oso nabarmentzekoa da Naizroxa eta Anai-Arrebak taldeetan luze aritutako Etxarri gitarra jotzaileak egindako lana. Lehenik eta behin –nahiz eta ez dudan sarri jomuga hor jartzen– kantuen hitzak goraipatu nahiko nituzke. Existentzialak dira, edonoren bizitzan txertatzeko modukoak eta oso egiazkoak. Eta gustatu zait nola idatzi dituzten: ostia txarra, hausnarketa eta ironia neurri oso egokian uztartuta. Musikari dagokionez, bederatzi kantutan abeslari erraldoi eta talde sendo zein irudimentsua agertu zaigu aurre-aurrean. Diskoari izena lapurtutako Hauts jantzi rockeroa duen pop perla ederra da; Kaiola nire gustukoena da, indartsua, rockeroa, dantzagarria eta Lide beltz bihurtuta erabat aske ari dena. Lurrean hegan balada hit!a da, progresibotik edan eta erraz asko mainstream kantua izan daitekeena. Esnea zuri metaforikoak 70eko hamarkadako karga handia dauka eta bluesa zein rocka batuz, groovetik eta souletik zipriztintzen ondo dakitena. Kizkaliz berpiztu malenkoniatsua da, ia orkestrala, eta urgentziaz betea eztanda egiteko puntuan. Maitemina piezak kontzeptuan eta iluntasunean Cave-n Murder ballads ekarri dit gogora, nahiz eta hard-rocketik eta Iparraldeko kantutegitik elikatuta beste parametro batzuk erdiesteko gai den. Ez egin topa soul ganberroa da, oso itsaskorra, dantzagarria eta fiesteroa; zuzen-zuzena. Gizarte likido rockeroa eta stoner erabat pisutsua da, zapalgailu hutsa, haizezko instrumentuek lortutako akaberarekin zur eta lur utzi gaituena. Eta, azkenik, diskoa ixten duen Behazun beltza , pianoaz lagundutako blues-rock dotorea.
news
argia-9f0eb0039851
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/justu-egune.html
Beste Bilbo baten oihartzuna
Dabi Piedra
2016-10-16 00:00:00
Beste Bilbo baten oihartzuna Gezurra dirudien arren, Bilbon dena ez da porlana, autoak eta zarata. Hiriaren mugen barruan, baserri auzo batzuek XXI. mendera arte iraun dute eta haiekin batera, antzinatik datozen ohiturek ere bai. Arbolantxa auzoan, esaterako, euskal giroko erromeria egiten dute urtero, Justu Egune. Mahats orrien itzalean, trikitilariak eta bertsolariak lagun, azken hatsa ematear den Bilboko jatorrizko euskalkiaren doinua entzuteko aukera ederra da. Industrializazioa iritsi zenetik, hiritartze prozesuak ez du etenik izan Bilboaldean. Itsasadarraren ertzeko hiri koxkorra, Zazpi Kaleak ardatz zituen hura, metropoli bihurtzeraino hazi da, inguruko landa eremuaren kontura. Behinola udalerri independente izan ziren Deustu, Abando eta Begoña irentsi zituen Bilbok eta mendi magaletako ortu eta basoak auzo jendetsu bilakatu ziren. Ingurune malkartsua da, ordea, Bilbo ingurua, eta urbanizazioak ezin izan ditu goiko auzo batzuk harrapatu. Auzo horietan baserriak, larreak eta basoak dira oraindik nagusi. Aurrera egin baino lehen, komeni da argitzea ametsetako oasiak ere ez direla auzo horiek. Euskalduntasun puruaren edo industrializazioaren aurreko ohitura garbien bila hara jotzen duenak jai du. Egia da behinola Bilbo inguruetan hitz egiten zen euskarari Seberetxe eta Arbolantxa auzoetako baserri batzuetan eutsi diotela. Baina hori bezain egia da transmisioa aspaldi eten zela eta hiztun zahar batzuk baino ez direla gelditzen. Populazioak beherakada nabarmena izan du, gazteak hiriguneko auzoetara joan direlako, eta baserritik bizi direnak gutxi dira. Hala ere, beste Bilbo hori bizirik dagoela gogoratzea eta aldarrikatzea dagokigu, hori ere hiriaren memoriaren parte baita. Bagoaz, beraz, Arbolantxa auzora, Justu Egunaren aitzakian, abuztuko larunbat sargori batean. Pa...Ya! konpartsaren ahaleginari esker eutsi ahal izan zaio erromeriaren tradizioari. Iturritxualde mendiaren aldapetan sakabanatutako baserri batzuek osatzen dute auzoa, Otxarkoagako etxebizitza-bloke erraldoien gainean. 1924ra arte, Begoñako udalerriaren lurrak izan ziren horiek. Txakolina izan zen garai batean Begoñako Errepublikako produkturik preziatuena. Hala, inguru horretako herritarrei mahatsorri ezizena ematen zaie. Goikoetxe baserria, Justu Eguneko ekitaldien erdigunea, txakolingintzarako prestatua dago: Etxe ataria mahatsondoen hostoak eta adarrak zabal daitezen egokituta dago, txakolina egiteko mahatsak goxo-goxo hazteko modu aproposean. Gerizpe atsegin horretan jarri da abadea, meza emateko. Paraje honetan, bazter guztietan dago istorio ezezagunen bat, nork deskubrituko zain: Alboko baserria, Bekoetxe, Tomas Zumalakarregiren tropen kuartela izan omen zen Lehenengo Gerra Karlistan (1833-1840), Bilboko setioan. Kontuan izan behar da, XIX. mendean, Begoña herri karlista zela, Bilbo liberalaren aldean. Gerra hartako kolperik latzena, haatik, Begoñan bertan jaso zuten karlistek, han zauritu baitzuen bala galdu batek Tomas Zumalakarregi jenerala, eta horren ondorioz hil zen. Mezaren ondoren, Arkaitz Estiballesen eta Etxahun Lekueren bertsoak entzun ahal izan dituzte bertaratutako guztiek, baita txalaparta doinuak ere. Aurtengo protagonista nagusia, baina, 91 urteko Manolo Legina izan da. Arbolantxan jaiotako trikitilari honek urteroko hitzordua du Justu Egune eta aurten ere ez du hutsik egin. Antolatzaileek omenaldia egin diote, auzoari egindako ekarpena eskertzeko. Goikoetxe baserriko etxeko andreak, Arantza Zaratek, ekitaldirako propio egindako txapela jantzi dio soinujole beteranoari. Oso pertsona maitatua da Legina, agurtzera eta zoriontzera hurbildu zaion auzokide piloak adierazten duenez. Adinak hatzak moteldu dizkio, baina ez festarako gogoa. Hala, pieza batzuk jo ditu trikitiarekin, bertaratutako guztien gozamenerako. "Atzamarrak, ai atzamarrak!", kexatu da Manolo Legina, garai bateko trebetasuna gogoan. Soinua jotzea gero eta zailagoa zaionez, panderoa eta kainabera jotzen hasi da orain. Ez da oso tresna ezaguna kainabera, baina Euskal Herriko txoko batzuetan eutsi diote hura jotzeko ohiturari. Goikoetxeko mahatsondoen itzalean, hirukote polita osatu da giroa alaitzeko: Koldo Etxebarriaren trikitia, Gaizka Molinuevoren panderoa eta Manolo Leginaren kainabera. Eguna biribiltzeko, bazkaria antolatu dute Bekoetxe baserriko landetan. Adin guztietako jendeak parte hartu du aurtengo Justu Egunean, tartean hainbat umek. Haiek izango dute beste Bilbo honen memoriari eusteko ardura. Ez, beharbada, Bilbon mendez mende hitz egin den euskalki zaharrean. Baina bai euskaraz, hiriaren sustraiak gogoan. Alderdi asko baititu Bilbok eta urtero Justu Egunean ikusten dena, gehienentzat ezezaguna izanagatik, Guggenheimeko titanioa bezain baliotsua da.
news
argia-fd107de6220c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2525/nork-hil-zuen-little-nagusiei-eta-gerrari-aurre-egiten-zien-sindikalista.html
Nork hil zuen Little, nagusiei eta gerrari aurre egiten zien sindikalista?
Pello Zubiria Kamino
2016-10-16 00:00:00
Nork hil zuen Little, nagusiei eta gerrari aurre egiten zien sindikalista? Duela 99 urte, 1917ko abuztuaren 1ean, sei sikariok farola batean urkaturik utzi zuten AEBetako obreroen lider borrokalarienetako bat, Frank Little. Langilerik txiroena bezain xume bizi eta bidaiatzen zuen sindikalistak, jendea berotzen zuen konpainia handiek ezarritako bizi baldintzen kontra oldartu eta AEBetako gizon gazteak I. Mundu Gerran hiltzea eragotzi zezaten. Galdu egin zuen. Jean Jaurès asko aipatu da I. Mundu Gerraren (1914-1918) mende hurrena ospatzen den garaiotan. Frantziako lehendakari sozialista –geroztik jakin denez– gerra nahi zuten oligarka eta jeneralek urrundik kontrolatutako nazionalista frantses batek tiroka hil zuen 1914ko uztailaren 31n. Jaurès ahalegintzen ari zen nola edo hala saihesten hiru egun lehenago hasitako gerra hura, artean ikusten zituen aukerak. Europan ezkerreko mugimendu iraultzaileak, politikoak baina batik bat sindikalak, indartsuak ziren XX. mende hasiera hartan eta beren liderrek usaintzen zuten zer nolako triskantza eragin zezakeen industria handiak eta militarrak sustatzen ari ziren gerrak soldadu joatera behartutako langile gazteen artean. Besterik da gerraren zurrunbiloak azkenean nola bereganatu zuen ezkerraren gehiengoa. Itsasoz beste aldean ere, AEBetan,  kontuotaz oroitu dira batzuk Frank Little ren istorio zirraragarriarekin. Mendebaldeko langileak, laborari handien etxaldeetan ari ziren jornalariak bezala industriako eta meategietakoak, bizi baldintza duinen alde eta gerrara joatearen kontra mobilizatu zituen eskale itxurako lider sindikal ahantzia. 1917ko abuztuaren 1ean , Montanako Butte herrian ihauteriz mozorrotutako bost gizon iritsi ziren goizaldeko hiruretan Nora Byrn anderearen apopilo etxera. 38 urteko gizon gazteari ez zioten janzteko ere aukerarik eman. Kolpeka iratzarririk, seigarren hiltzailea txofer zeukan autoraino eraman zuten, han buru hezurra hautsi arte jipoitzeko. Autoaren ipurdiari sokaz lotuta karrikan behera arrastan eramanda, trenbide ondoko zutoin batean zintzilikatu zuten. Prentsak ez zuen hil ostean ere erruki handiz tratatu: "Jendeen xaxatzailea etxetik atera eta hil dute mozorrotuek",   "Soldaduei 'eskirol uniformedunak' deitu zien gizona urkatu egin dute"... Hala ere, milaka herritar azaldu zen Littleren hiletetara Butteko kaleetan. Ia bi hilabete lehenago istripu itzela gertatua zen Butten: 168 meatzari hil ziren Granite Mountaineko zuloko leherketan . Anaconda konpainiak –handienetakoa AEBetako meatzegintzakoen artean– Butten zeuzkan 14.000 obreroak greban hasita, astebeteren buruan heldu zen bertara Little. "Dinamita kutxa hartara –idatzi du Hunter Paulik Montana Standard egunkaria n abuztu honetan– iritsi zen Frank Little bere izter hautsiarekin, soinean ez zeramala kapelua, ahoko keinu berezia eta kristalezko begia beste apaingarririk". Zerbaitegatik deitzen zioten Butte herriari Gibraltar . Sona handia zuten hango sindikatuen indarrak eta kemenak. 1914an meatzari iraultzaileek dinamitaz lehertu zuten Butteko sindikatu kontserbadorearen egoitza, Anaconda Copper Mining Companyko ugazaben aurrean amore emateagatik. Hilabete gutxiren buruan hasi zen I. Mundu Gerra. Herrialde gehienetan sindikatuek eta ezkerreko mugimenduek hautatu behar izan zuten, edo agintariek gerran sartzeko hautuan lagundu edo gerrari aurre egin langile mugimenduak hasieran aldarrikatu zuen moduan. Europan laster makurtu ziren gerrazaleen aginduetara, gerraren kontra aritzea traiziotzat zigortzen baitzen. AEBetatik urrun zen hasieran gerra.  Baina 1917ko apirilean bidali zituzten lehenbiziko soldadu yankiak Frantziako lubakietara, britainiarren eskaria eta Alemaniaren indar handiegia geldi ararazi beharra argudiatuta. Ekainean, gerrara joan behar eta nahi eza batetik, bizi baldintza latzak bestetik, meategiko hondamendia azkenik, ez zen giro Butteko meatzariekin. Haiengana heldu zen lider gogorra ere txantxetan ibiltzeko gizona ez zen. Gerra, kapitalisten odol festa hori     Kuakero –komunitate erlijioso protestantea, hierarkiei bezala gerrari uko egiten diona– familia batean sortua, erdi txerokia jatorriz, oso gazterik meatzari hasita sartu zen IWW Industriako Munduko Langileak sindikatuan. Sozialistak, anarkistak eta marxistak elkarrekin zeuden bertan. IWWko buru eta intelektual gehienak Boston inguruetan egon arren, AEBetako ekialdean, Little mendebaldeko herri, hiri eta estatuetan hasi zen langileak errekrutatzen. Fabrika handietatik urrun, Littlek mitinak ematen zizkien fruituak biltzen zituzten jornalariei, baso-mutilei, meatzariei, petrolio putzuetako zulatzaileei... Ugazabek bidalitako matoi, guarda eta detektibeei aurre egiteko, Adierazpen Askatasunaren Mugimendua –Free Speech Movement– abiatu zuten sindikatuek. Langileen lan eta bizi baldintza mixeriazkoak salatu eta haiei borrokarako deia egiteko hitzaldiak antolatu zituzten edozein kale, plaza eta ataritan. Little eta bere lagunek langileen arteko prekarioenak antolatu zituzten, batetik bestera enplegu finkorik gabe oinez eta trenetan zebiltzan hobo jendeak. Milioi erdi baino gehiago ziren urte haietan bizkarrean zorroa hartuta zebiltzanak, ez inondik ere eskaleak, behargin izorratuak baino. Alkohola debekatu, kanpalekuak komun eta gutxieneko zerbitzuz osatu... "Eta inportanteena zena: gizarteak baztertutako gizonak adierazpen askatasunezko ekintzetara bideratu zituen Littlek", idatzi du haren biografia idatzi duen Arnold Steadek . Are famatuago egin zuten grebek. IWWko beste buruzagi batzuek masa sindikalgintza hobesten bazuten, Littlek gakoa greban ikusten zuen: "IWW beti greban dago", maite zuen esatea. Sindikatuko beste buruzagi batzuekiko talka gogortu zen gerra hasi zenean. AEBak gerran sartzearen kontra ere grebak zabalduz borrokatu nahi zuen. "Nahiago dut fusilatze pelotoi baten aurrean jartzea", erantzun omen zien gerraren kontrako kanpainan amore ematea proposatu ziotenei. Gobernuak gizartea odolusterako mobilizatzean nazionalismoa baliatuz, giroa gaiztotzen ari baitzen IWW sindikatuaren eta oro har sozialista yankien kontra. Ekaineko istripuaren ostean Buttera heldurik, Littlek langileei eskatu zien borroka ugazaben kontra egiteko, ez alemanen kontra. Lekuko hedabideek traidore hura jipoitzeko eskatzen zieten agintariei. Eta abuztuaren 1eko goizaldean iritsi zen krimena . "Besteok ere ikasi, lehen eta azken abisua" idatzirik zintzilikatu zioten Littleren hilotzari. Jane Little Botkin ari da liburu bat bukatzen bere birraitonaren anaiaz. Familian ez du Franken oroitzapenik aurkitu, halako beldurra sartu zieten agintariek traidore eta espiatzat hartutako disidenteen familietakoei. Liderraren argazki guztiak erre zituzten, haren izena tabu zen familian bertan. AEBetan ezkerreko nork entzun du Frank Little? Janerentzako, Anacondak agindu zuen Frank hiltzea kapitalistentzat arriskutsua zelako, eta hiltzeko enkargua hartu zuten sikarioek gorrotatzen zuten gerraren kontrako giroa sortzeagatik.
news
argia-09a96c4b8ae0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/popular-bankuaren-erantzukizunak.html
Popular bankuaren erantzukizunak
Juan Mari Arregi
2017-06-18 00:00:00
Popular bankuaren erantzukizunak Popular bankuaren hondoratzea egunotako gertakari ekonomiko nagusi izan da Espainiako Estatuan. Banku "errentagarriena" omen zena –Hego Euskal Herrian ere presentzia handia zuen– euro batengatik erosi du Santanderrek. Adreiluaren krisiak milaka kiebra sorrarazi ditu, eta orain Popular bankuarena etorri da, aktibo toxikoetan 40.000 milioi euro baitzituen. Kaltetuak akziodunak eta bonoen jabeak dira, euren inbertsioa erabat galdu baitute. Gordailugileek euren aurrezkiak bermatuta dituzte, hainbat mugarekin. Eta zalantza dago zer gertatuko den bere 12.000 langileekin, enplegu murrizketa eta erregulazio espedienteen biktima izango dira baina. Horrek guztiak baditu erantzule batzuk ordea, eta egindakoa ezin zaie debalde atera. Lehenengo erantzuleak politikariak dira, banku erakundeak zaindu eta kontrolatzeaz arduratzen diren horiek: Espainiako Bankua, Balore Merkatuen Batzorde Nazionala, Espainiako Ekonomia ministerioa, Europako Banku Zentrala… Popular bankua fidatzekoa zela zioten denek. Bankuaren presidentziak eta administrazio kontseiluko kideek ere badute konturik argitzeko, egoera den bezalakoa izanda ere, pentsio milioidunak poltsikoratu baitituzte. Espainiako Gobernuak dio operazioa ez zaiola euro bat ere kostako zergadunari. Gauza bera esan zuen bankuen erreskatearekin eta gezur horren ondorioz 60.000 milioi euro atera behar izan zituzten diru-kutxa publikoetatik. Ez ote gaude beste gezur baten aurrean? Beste behin zergadunak ordainduko du gobernuen gestio txarra eta politika ekonomiko negargarria. Lotsa ematen du bankuko kideak, presidentea buru dutela, oraindik euren karguetan daudela ikusteak, ezer gertatu izan ez balitz bezala.
news
argia-73acb04fac18
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/justo-arriola-a-los-pies-del-caballo-liburuaren-egilea.html
"Erantzukizun politiko eta poliziala argitu behar da; ez zuten heroina-trafikoa gelditu nahi"
Iker Barandiaran
2017-06-18 00:00:00
"Erantzukizun politiko eta poliziala argitu behar da; ez zuten heroina-trafikoa gelditu nahi" Justo Arriola elgoibartarra da, hain justu heroinaren kontsumoaren ondorioz gazte asko galdu zituen herrikoa. Bere jatorriak, bere bizipenek eta drogen guruei polizia eta heroinaren zabalkundearen arteko harremanak "konspiranoideak" zirela behin eta berriro entzuteak A los pies del caballo, narcotráfico, heroina y contrainsurgencia en Euskal Herria (Txalaparta) lan mardula egitera bultzatu zuten. Heroinari emandako erabilera horren gaineko gertaeren hemeroteka lan izugarria egin eta hori guztia gurera ekarri du. Askorentzat ziurtzat ematen dena egiaztatzeko egarriz liburua harrera ezinhobea izaten ari da eta urte erdian hirugarren edizioa du jada. Tarte laburrean egon ziren bi belaunaldi: heroina ezjakintasun eta erakargarritasunez ikusi zuena, eta arriskutzat hartu zuena. Non kokatzen zara? Lehenengoan. Drogak probatzeko nahia genuen eta protestatzeko modua ere bazen. Gainera, Franco hil eta gero kanpoko kontrakultura heltzen hasi zen: musika, rocka, liburuak... Horrez gain krisia bizi genuen: industriaren birmoldaketa, langabezia handia... Horrek guztiak eta trantsizio eskasak frustrazioa eragin zuten gizartean eta batez ere gazteen artean. Drogei buruzko ezjakintasun itzela zegoen, abestietan entzuten genuena besterik ez genekien. Eta ofizialki esaten zutena, guztia zela txarra, ez genuen sinisten. Liburuari dagokionez, Elgoibarri buruz harilkatu duzun kontakizuna du ardatz. 1985 inguruan hasi nintzen jasotzen Elgoibarren gertatzen zena, guk antolatzen genituenak: kontzertuak, kale agerraldiak, pintadak, norbait hiltzen zela... Hamabost urtetan horiek guztiak jaso nituen, eta hainbat pasartek liburu honetan ikusi dute argia. Eta nolakoa izan da herrian izen-abizenekin jasotakoa argitara ematea? Pentsatu nuen batzuentzat gogorra izango zela senitartekoak hor ikustea, baina nik ere lagun asko galdu ditut, orain arte iluntasunean egon direnak, lotsatzeko moduko zerbait egin izan balute bezala. Pentsa, garai hartan Elgoibarren droga kontsumoarekin lotuta gazte bat hiltzen zen bakoitzean elkarretaratzea egiten zen, eta zenbait familiak ez zuen uzten. Batzuek oraindik ez dute onartzen seme-alabak horretan ibili zirenik eta haren eraginez hil zirela. Hiesak izugarrizko estigma zeukan, heriotzarekin lotzen zen zuzenean. Horregatik pentsatu nuen on egingo ziola jendeari, nahiz eta hasieran izenak ikustea gogorra egin. Eta hala izan da, etorri zaizkit hildako batzuen amak, ahizpak... besarkadak eta eskerrak ematera. Aldiz, hildako enpresarien senideek agian ez dute hain ondo ikusi, baina ondorioztatu nuen historia kontatzekotan hori ere jaso beharra zegoela. Drogen kontsumoaren eta Hies gaixoen kudeaketa eskasa izan zen... Elgoibarko EAJk udaltzainburuaren eskuetan utzi zuen drogen kontsumoaren kudeaketa, eta hark pentsatu zuen xiringak gazteei saltzea debekatze hutsarekin arazoa konponduko zutela. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak itxita zegoen gimnasio bat hartu eta legez kanpoko atxilotze-gune bilakatu zuten. Gazteak hara eramaten zituzten katxeatzera eta mehatxatzera. Heroinazale batek kontatu zidan pistola jarri ziotela buruan; eta neska batek esan zuen alua miatu ziotela. Edozer egiteko inpunitate osoa zuten. Drogen gaineko debekua eta legez kanpoko egoera baliatu izan dute nornahi atxilotzeko, kontrolatzeko... Hain zuzen ere, AEBetan orain gutxi onartu dute Nixonen garaian droga batzuen kontra egin zutela beltzen eta ezkertiarren mugimenduak kontrolatzeko. Zein urtetan hasi ziren EAEn xiringak banatzen? Hiesaren kontrako batzordeek 1988an hasi zuten banaketa, geroago botiketan kita (kondoia eta xiringa) saltzen hasi ziren. Instituzioak beranduegi, lehenengo Hies kasuak eman eta bost urtera, jende ugari hil eta gero. Espetxeetan oso berandu, 90eko hamarkada bukaera arte ez zuten xiringa trukea martxan jarri. Osasun arazoa zena, ordena publikokoa balitz bezala artatu zuten. Hiesa zutenei osasun arreta eskasa eskaintzen zitzaien eta orduan hilabeteetako heriotza zigorra zen. Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera? Drogen gainean asko idatzi duen Juan Carlos Usók foro batean zioen poliziak ez zuela Euskal Herrian heroinarik sartu helburu politikoekin. Nik erantzun nion esanez bazirela hainbat zantzu kontrakoa erakusten dutenak. Eztabaidak luze jo zuen, eta erabaki nuen dokumentazioa batzen hastea, dokumentaletan, liburuetan, interneten, prentsan... Atzerrian gertatutakoa jasotzeari ere ekin nion, eta Elgoibarko historiaren zatia ere idatzi nuen. Iaz herriko Gaztetxean pasarte batzuk irakurri nituen. Gazteak zur eta lur gelditu ziren ez zutelako iragana ezagutzen, eta idatzitakoa argitara emateko eskatu zidaten. Horrek asko animatu ninduen. Garai hartan Antonio Escohotado pentsalariak Donostian eman zuen hitzaldi batera jo nuen eta polizia eta heroinaren arteko loturaz galdetzean, "konspiranoikoak" ginela erantzun zidan. Eztabaida itxi nahi dutenen aurrean argudioak jarri nahi nituen. Arrasateko udaltzain-burua zenak salatutakoa izugarria da... Bai, 2015eko irailean Berriak Jose Luis Etxeberria Porru ren esanak argitaratu zituenean harrituta gelditu nintzen ez zelako erantzun politikorik izan. Porru k egiaztatu zuen La Salve eta Intxaurrondotik irteten ziren auto kamuflatuek heroina banatzen zutela Arrasaten eta beste herri batzuetan. Horrez gain, beste batek kontatu zuen Intxaurrondoko guardia zibilei heroina erosi ziela; eta Iruñeko tabernari batek patruila-autoetatik heroina banatzen ikusi zituela. Bestalde, Deban bizi izandako batek kontatu zuen ezezagun batzuek heroina doan eman zietela larunbat gau baten, eta zenbait astera ezezagun horiek uniformez jantzita ikusi zituela. Liburua argitaratu ostean testigantza gehiago jasotzen nabil; hemen soraluzetar batek kontatutakoa: 80ko hamarkada hasieran taberna bat zuen non ezker abertzalekoak, sindikalistak eta gazteak biltzen ziren. Sarekada batean atxilotu zuten eta hamar egunez izan zuten Madrilgo DGS Segurtasun Zuzendaritza Nagusian jipoiak jasotzen; artean egunero komisario batek eskaintza bera egiten zion: tabernan hitz egindakoa kontatuz gero heroina banatu eta tabernan saltzeko erraztasunak emango zizkiotela. Tabernariak ez zuen amore eman. Ondarroako yonki en esperientziak harritu nau: trafikanteei heroina herrira sartzen galeraztea. Saiatu ziren beraien artean antolatzen, eta herritarren sostengu handia lortu zuten. Heroinaren arazoa beraiek ekarri zutela eta kanporatzea beraien ardura zela ondorioztatu zuten. Ez dut halako beste esperientziarik ezagutu. 'Navajas auzia' oso argigarria zen... Trafikatzaile, tabako kontrabandista eta proxeneta batzuek beraien negozioak inpunitate osoz egiteko tasa ordaintzen zieten indar polizialei. Garai hartan Intxaurrondoko buruetako batek barne ikerketa batean aitortu zuen diru beltz itzel hori gerra zikinerako erabiltzen zutela. Navajas hasi zen ikertzen, baina badirudi beldurtu egin zela. Are gehiago, Conde Pumpidok 1987an esan zuen babestutako heroinaren mafia bat zegoela. Liburu hau bada, baita ere, Pepe Rei, Adore eta Errotatxoren lanari aitortza? Bai, bakoitzak bere esparruan –ikerketan, salaketan eta prebentzioan– lan handia egin zuten. Pepe Reiren ikerketa-lana ezinbestekoa izan da, dena arriskatu zuen. Berak argitaratu zuen heroina eskala handian banatzen ari zen Guardia Zibilaren mafia batean ziharduen narko turkiar baten testigantza. Garai hartan heroina barra-barra sartu ziguten. Orain zer sartzen dute gazteak geldiarazteko? Beti bezala, borrokaren eta momentuaren arabera, baretze eta tontotzeko tresna guztiak erabiliko dituzte. Egia, justizia eta erreparaziotik asko du zure lanak. Bai, hildako milaka gazteei omenaldia egin nahi nien. Erantzukizun politiko eta poliziala argitu behar da. Urtero atzematen zuten heroina kopuru barregarria ikusita argi dago ez zutela trafikoa gelditu nahi. Aldiz, iritzi publikoari begira eta gazteak kontrolatzeko "drogaren" –batez ere haxixaren– kontrako sarekadak egiten zituzten. Zer dago gure esku? Zerbait dakienak kontatu dezala. Komunikabideen bidez Ardanzari honako mezua zuzentzen ari natzaio: Zergatik isilarazi zenuen, 35 urte pasa direnean, Arrasateko udaltzainburu izandako Porru ? Ez al daukagu eskubiderik zer gertatu zen jakiteko?
news
argia-11d5a6fb18af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/gure-aurpegiei-buruz.html
Gure aurpegiei buruz
Irati Elorrieta
2017-06-18 00:00:00
Gure aurpegiei buruz Badator semea telefono batekin, eta bere argazkiak erakusten dizkit: nerabe gisa izango duen aurpegiarekin, aitona gisa izango duenarekin, neska balitz izango lukeenarekin. FaceApp deitzen da aplikazioa. Pantaila ukituz ematen ditu aukera ezberdinak. Erretratu robotenak bezain artifizialak. Errealitatean existitzen ez direnak. Mamu-aurpegiak. Niri ikara sortu didatenak, eta berari, barregura. Zer esan semeari nire ezinegona azaltzeko? Beharbada ez dela inoiz aitona izatera helduko? Ezin dela aldez aurretik jakin noiz hilko garen? Heriotzan pentsarazi baitidate erakutsi dizkidan argazkiek. Gauza bat da aspaldi desagertu zen zerbaiten edo norbaiten irudiak duen mamu izaera. Ez da alferrik esaten hilezkortua geratu dela, betikotua. Eta beste bat, zeharo ezberdina, etorkizuneko irudiekin, geroaren promesa egin, eta heriotzaren aukera bera ezeztatzea. Edo ez? Zergatik ezin dut barre egin jokoarekin? Zeren eta, joko hutsa baita. Eta horixe da aplikazioak eskaintzen duen aukeretako bat: irribarre zabala txertatzen du beste zerbait adierazten zuen aurpegian. Hori omen da niretzako filtrorik egokiena, argazki gutxi baititut irribarrez. Salbatuta gaude espezie arraro, susmagarri, horretakoak garenok? Erretratuetan irribarrez agertu beharra nahiko berria da. Lehen ez zen egiten. Horregatik ere bada Mona Lisaren irudia horren berezia, eta hark ere, iradoki baino ez du egiten irria. Aurpegiak ez dira irribarretsu ageri ez Rembrandt, ez Velazquezen pinturetan. Kontuan hartzekoa izango da dentistarik ez zutela, eta hortzak ez zirela aurpegiko atalik erakusgarrienak izango. XX. mendeko argazkilarien erretratuetan ere urriak dira aho alaiak, gutxitan aurkituko ditugu August Sander edota Dianne Arbusen motiboetan. Baina XXI. mendekoak gara gu, ados. Selfie -ak eta smiley-ak asmatu ditugu. Hala bada, artista britainiar bat FaceApp instalaturik zuen smartphone batekin sartu da berriki Amsterdamgo Rijksmuseumean, eta eraldatu egin ditu hango pintura eta eskulturetako modeloak. Serioegiak ei ziren. Jarraitzaile eta imitatzaile asko izan ditu haren ideia jenialak. Horretarako dago egina aplikazioa, garena baino alaiagoak izan gaitezen? Atzamar-ukitu hutsez? Badakigu errealitatea desitxuratzea –eta faltsutzea– argazkigintzaren oinarrian bertan kokatuta dagoela. Misterio bat, ilusio bat izan dira beti argazkiak. Erretratatua izan denari egindako agresioaz, perbertsioaz idatzi izan dute argazkigintzaz pentsatu dutenek. Efektuak ere, hasiera-hasierakoak dira, argazkia errealitatea finkatzeko dokumentua zirenekoak. Esposizio luzea eskatzen zuten lehen teknikek, eta denbora horretan egindako mugimenduek mamu-efektua eragiten zuten. Nahi gabe batzuetan, apropos bestetan. FaceApp hori arin aspertzeko aplikazioa dela entzun dut. Bizitza laburrekoa da eskaintzeko duen dibertsioa. Emaitzak oso antzekoak direlako beti. Eta oraingoz behintzat, ez dugu sinetsi nahi denok itxura berbera izango dugula egunen batean. Klon gutxi batzuen bariazioak. Filtroek sorrarazten duten itxuraldaketa hain da azalekoa, hain urrun geratzen da barruko ezer ukitzetik, hain da hutsala! Akaso horixe izan da semeak erakutsitako argazki sorta ikusterakoan gehien ikaratu nauena: trukuaren merketasuna bera. Lasaitua hartzen dut. Ez da izango serioegia naizela, luzerako ematen duten jokoak nahiago ditudala baizik.
news
argia-6882bdf1524e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/mexikoko-maseual-herria.html
Kooperatibak lurraldearen defentsarako lanabes
Ane Urkola Agirrezabala
2017-06-18 00:00:00
Kooperatibak lurraldearen defentsarako lanabes "Maseual identitatea bizitzeko modu bat da, sentitzeko modu bat, jokatzeko modu bat, nire bizitza da". Horrela definitu du Maria Luisa Albórezek Tosepan Titataniske kooperatiben elkartea. 40 urteko ibilbidea duen mugimendua da Tosepan, kooperatibismoa, maseual identitatea eta lurraren defentsa oinarri dituena. Maseual herria Mexikon dago, Puebla estatuko ipar-ekialdeko Cuetzalan herrian. Puebla hiriburua atzean utzi, eta behe-laino itxiak kolore berdez zipriztintzen dituzten mendiek, pinudiek eta belardiek Euskal Herria dirudite. Errepide estuek, kolorez betetako etxeek eta umiltasunez betetako irribarreek gogorarazten dute ordea, handik oso urrun dagoela. Cuetzalan herrira ailegatu eta 10 minutura dago Tosepan Titataniske kooperatiben elkartea. Tosepan Titataniske: "Elkarrekin irabaziko dugu" 1980. urtean sortu zen Tosepan Titataniske Kooperatiba Elkartea ("elkarrekin irabaziko dugu", nahuatl hizkuntzan): "1970eko hamarkadaren amaieran, azukrearen uzta oso urria izan zen eta asko garestitu zen; oinarrizko produktu hau herritarrek ezin zuten erosi. Orduan, San Miguel Tzinacapan eta Xeloxochilco komunitateetan nekazarien dendak sortu zituzten azukrea prezio baxuagoan lortzeko. Arroza, babarruna eta halako oinarrizko produktuak ere saltzen hasi ziren eta denda horiek kooperatiba bihurtu ziren. Cuetzalan herriko beste komunitateetan jarri zituzten martxan horrelako kooperatibak, eta kooperatiben elkartea sortu zuten". Horrela bizi izan zuen hasiera hura Yolita Argueta Tosepan komunitateko irakasleak. Kooperatiba horietan, herritarrek beren kontsumorako erosten zituzten produktuak, eta ondoren, nekazariak produktu horiek ekoizten eta saltzen hasi ziren. Hasieran, azukrea ekoizten hasi ziren, baina gaur egun, kafea, pipermina, eztia, kanela, platanoa, ardoa, likoreak eta eztiarekin egindako bestelako produktuak ere saltzen dituzte kooperatiben bitartez. 40 urtean asko hazi da Tosepan eta gaur egun 430 kooperatiba baino gehiago daude 29 herritan. Horiez gain, herrialde guztiko bazkideei zerbitzua eskaintzen dieten zortzi kooperatiba ere sortu dituzte; horien artean daude irratia, hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza lantzen duena, turismoaz arduratzen dena, kredituak eta aurrezkiak banatzen dituena, emakumeak elkartzen dituena eta banbua saltzen duena, besteak beste. 1998. urtean sortu zen aurrezkien eta kredituen kooperatiba. Bazkideek beren aurrezkiak gordetzen dituzte eta aurrezki horiek ematen dizkiete bazkideei, kreditu bidez: "Bazkide bakoitzak diru kopuru txiki bat ezarri zuen eta 630.000 peso bildu genituen. Gaur egun, 300 milioi peso lortu ditugu kooperatiba horren bidez", azpimarratu du Aldegundo González Tosepan kooperatibako Formakuntza Zentroko arduradunak. Kooperatiba horren bidez funtzionatzen du etxebizitzaren programak: "Aurrezkien kooperatibak kreditua eskaintzen die etxebizitza eraiki behar duten bazkideei, eta interes-tasa oso baxua da. Programa horren bidez, 15.000 etxebizitza baino gehiago egin ditugu azken 10 urteetan", azpimarratu du Gonzálezek. "Lurra lantzea da herrialdea defenditzeko modu bakarra" Maseual herriaren ezaugarririk handiena da ama-lurra zaintzea: "Tosepan komunitatean kooperatibismoaren balio unibertsalak landu ditugu urte horietan, baina 2013. urtean, maseual herri indigenaren mundu ikuskera definitzen duten balioak gehitu genituen: konfiantza, bihotz ona izatea eta lanean ari garen ingurua zaintzea, hurrengo belaunaldiei guk jaso dugun moduan itzultzeko", azaldu du Aldegundok. Gobernuaren proiektu hidroelektrikoari aurre egiteko eraikitako kanpamentua. Azken urteetan, mehatxu handiak dituzte herrialdean. Peña Nietoren gobernuaren baimenarekin, proiektu hidroelektrikoak, meatzeak eta energia elektrikoa lortzeko azpi-estazioa eraiki nahi dituzte Pueblako ipar-ekialdeko mendikatean. "Badira hamar urte proiektu horien inguruko informazioa dutela, baina guri ez digute inolako informaziorik eman. Cuetzalan herrian goi-tentsioko lineak egin nahi zituztela ohartu ginen, baita lau meatze hidroelektriko ere. Presidenteak eta gobernuak esan ziguten proiektu horietatik lortutako energia komunitateentzat dela, baina herritarren gehiengoak energia elektrikoa dauka", baieztatu du Isabel Bautista herrialdearen defentsan lan egiten duen kideak. Proiektu horiei aurre egiteko antolatzen ari dira komunitateak. "Proiektuaren berri jakin genuenetik hasi ginen informazioa biltzen, agintariekin bilerak egiten eta herrialdearen defentsaren inguruko asanbladak egiten", azaldu du Bautistak, proiektu horietako bati aurre egiteko eraiki duten kanpamentuan. Helegitea sartu zioten proiektuari eta momentu honetan geldi dago.     Ez dira fio ordea: "Cuetzalan herriaren kanpoaldean, energia elektrikoa lortzeko azpi-estazioa egiteko proiektua dago. Azaroan, manifestazioa egin genuen gelditzeko eskatuz. Egun horretatik aurrera lanak has zitezkeela esan ziguten, eta momentu oro bertan egon behar genuela erabaki genuen. Lanak hasiz gero, herriari abisatzea da gure zeregina. Herriaren batasuna da indarra, eta indar hori komunitate guztiena da", nabarmendu du Bautistak. 2013. urtetik aurrera, komunitate guztietako kideek asanbladak egin dituzte proiektuaren aurka. Hemeretzigarren asanblada egin zuten apirilaren amaieran, eta herri indigenetako kideek erabaki zuten energia burujabetzaren aldeko urratsak ematen hastea: "Helburua da energia elektrikoa ematen diguten kable horietatik deskonektatzea eta proiektu horiek egiteko arrazoiak gutxitzea", azpimarratu du Gonzalezek. 20 urte maseual identitatea indartuz Tosepan kooperatibako lurretan nahuatl hizkuntza hitz egiten dute eta ezagutza eta erabilera gutxitu egin zela ohartu ziren. 20 urte daramatzate identitatea indartzeko lanean: "Identitateaz ari garenean, hizkuntzaz, dantzaz eta ama-lurraz ere ari gara, eta horiek guztiak dira garrantzitsuak", adierazi du Gabriel Vázquez irakasleak. 2006. urtean, Tosepan eskola sortu zen. Ez da beste eskolak bezalakoa, eta hori argi dute Tosepaneko kideek: "Nahuatl identitatearen espiritua, energia eta mundu-ikuskera lantzen ditugu eta hori da Tosepan metodologiaren bidez lantzen ari garena", azaldu du Vázquezek. Tosepan eskolako haurrak. Nahuatl hizkuntzaren egoera oso delikatua da oraindik eta argi dute lanean jarraitu behar dutela: "30 urte dituen pertsona batek nahuatl hizkuntza hitz egingo du ziurrenik. Ikasleen adina jaisten den heinean, batzuek hizkuntza hori hitz egiten dute, baina beste batzuek ez. Hiru urtetik 30 urte bitarteko herritarren %28k ez du nahuatl hizkuntza hitz egiten", azaldu du Gonzálezek. Galera handiena haur eskolan dago eta urte hauetako zeregin handiena material didaktikoa sortzea izan da: "Asko sortu dugu urte hauetan. Hainbat proiektu jartzen ari gara martxan gure hizkuntzan lan egiteko materiala sortzeko". Proiektu horien artean daude hiztegia eta Maseualpedia proiektua. Nahuatl hizkuntzaren dokumentazio lana hasi zuten eta 8.245 kontzeptuko hiztegia sortu. Kooperatibako ikerketa taldea herrialdeko zuhaitzen, landareen eta loreen inguruko informazioa lortzen aritu da, eta informazio hori guztia Maseualpedia izeneko webgunean biltzea da beren helburua, herritarrek nahi dutenean kontsulta dezaten. Bizitza ona helburu Hurrengo 40 urteetako helburua bizitza ona lortzeko urratsak ematea da, eta horrek gauza asko hartzen ditu bere baitan. Horrela azaldu du Paulina Garrido Tosepan Kooperatibako presidenteak: "Alde batetik, identitateari dagokion zatia dago: zein garen, nolakoak garen eta nola bizi nahi dugun ikusi behar dugu, baina era berean, kooperatibaren balioak zabaltzen jarraituko dugu, ekonomia solidarioa, lan komunitarioa eta elikadura burujabetza eta energetikoa oinarri dituzten praktikak indartuz". Pierre Beaucage antropologoak dioen moduan, pertsona txikiek gauza handiak egin ditzakete elkarrekin eta horren adibide garbia da Tosepan Titataniske kooperatiba.
news
argia-2e5e25cd6b9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/uri-ruiz-bikandi-irakasle-erretiratua.html
"Eskolako ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago"
Miel Anjel Elustondo
2017-06-18 00:00:00
"Eskolako ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago" Andereño ari zen 70eko hamarkadaren hasieran, eta irakaskuntzan eman du bizi osoa, orain urte bi erretretan sartu zen arte. Asko baino gehiago idatzia da, ikastaro asko baino gehiago zuzendua, hizkuntzen didaktika beti kezka. Bitartean, aldi bihurri baten lekuko izan da, eta heterodoxiatik jardun du, zorrotz. Gaixorik zaudela jakinarazi didate. Biriketako minbiziak jo zaitu… Zer moduz zaude? Harrigarri bada ere, ondo. Pozik. Irailaz gero medikurik mediku ibili naiz, frogatik frogara. Luze ibili nintzen harik eta abenduaren 20an minbizia diagnostikatu zidaten arte. Birikak harrapatuak nituela esan zidaten, gauza larria dela, oso larria. Ez dago birikak kentzerik, eta biriketan daukadana kentzerik ere ez dago. Ordu arte susmoak baino ez zituzten. Nik, aldiz, lehenengotik galdetu nien: "Minbizia? Tumorea?", eta eurak: "Jesus, andrea! Holakorik ez aipatu!", esanez bezala. Baina minbizia izan da. Fisikoki oso ondo nago, arnasa ondo hartzen dut, ez dut minik… Primeran nago. Badakit zer daukadan, eskanerrean ikusi dut gaitza, baina minik ez daukadan bitartean, oso ondo. Zelan doazkizu egunak? Bizi egiten dut, egunero bizi, egunean egunekoa. Oso inportantea iruditzen zait, lehen ez nekien-eta hori. Ikasi egin dut. Orain dela bost-sei urte gorabeherak izan nituen begietan, esan zidaten glaukoma bat nuela begian. Itsu gelditu behar nintzela iruditzen zitzaidan. Horrek sekulako zartada eman zidan, ikara, larritasun handia, eta denbora luzean iraun zuen. Zelan ibiliko nintzen pentsatu baino ez nuen egiten, edozein momentutan oztopo egin behar nuela, non nintzen, norekin nintzen ere ez nuela jakingo pentsatzen nuen. Paparra zikindu eta ez nintzela zikina ikusteko gauza izango… Izugarri sufritu nuen, aldez aurretik! Halako batean, bestela pentsatzen hasi nintzen: "Zer gertatzen da hemen? Ikusten dut, ikusten ari naiz. Orduan, zergatik ari naiz sufritzen, agian gertatuko ez zaidan zerbaitengatik? Beharbada, autobus batek harrapatuko nau lehenago!". Hemen autobusa! Kar, kar… Minbizia duzu dena delako autobusa… Bai, bada! Une hartatik aurrera, automatikoki, aldatu egin zen nire buruaren mekanismoa, agian gertatuko zen zerbaitengatik minutu bat gehiago ez nuela sufrituko erabaki zuen nire gogoak. Okerrena da duela sei hilabete medikuak esan zidala ez daukadala glaukomarik! Antza denez, orain dela sei urte egindako azterketaren ondoren glaukomak halako garapen bat izan behar zuen, puntu jakin batera heldu. Baina iragarritako garapenik ez du izan glaukomak, eta heldu behar omen zen puntura ere ez da heldu! Ondorioz, glaukomarik ez zela izan esan didate… Gaitz erdi, zer edo zer ikasi nuen orduan, hau da, sufritzeari uzten, momentu bakoitza bizitzen. Eta, esaterako, oraintxe, gustura nago, eguraldia ere ederra egiten du, minik ere ez dut… Kexatuko naiz minez hasten naizenean! Zer dela-eta joan zintzaizkion medikuari irailean? Katarro bat amaitu eta handik denbora gutxira beste bat harrapatzen nuen. Ez zen normala. Gainera, katarroa ez zitzaidan arin joaten, hilabete eta gehiago irauten zidan. Argentinan ere egonaldi luzea eginda geunden, eta hilabete eta erdi egin nuen han katarroarekin. Eta hara joan orduko beste bat pasatua nuen! Eta etorri, eta katarroa berriz ere! "Hau ez da parte onekoa!", esan nion neure buruari. "Aldiak izaten dira", esan zidan, lehenengo, medikuak. Baina ez zen aldi gorabehera, ikusi denez. Zer dio orain zure barruak? Pozik nago, jakinaren gainean nagoelako, eta gauza guztiak disfrutatzen. Jasotzen ari naizen maitasun kantitatea, adibidez. Horrek poztu egiten nau, eta indar handia ematen dit. Berbetan ari garen honetan, kimioaldi bat pasatua duzu, bigarrenari ekitekotan zaude. Bigarren kimioaldiko lehen saioaren ostean ilea eroriko zaizula esan zenidan. Lehenago nahi zenuela elkarrizketa… Kar, kar… Minbizi gaitzak joa, eta ilea erortzea duzu kezka? Norberaren irudiaren kontua da hori! Askok "La peli" deitzen didate –"La pelirroja"–, kaskagorria naizelako. Nire izakeraren zigilu moduko bat dut ile gorria. Orain, berriz, "La peli" izango naiz, baina ilerik gabe!... Hala ere, ez dut uste nire kontua bakarrik denik. Uste dut gizonezkook ohituago zaudetela zeuen kaskoa ez ezik, albokoarena ilerik gabe ikusten. Emakume burusoila nekez ikusiko duzu. Gainera, nik oso itsusi ikusten dut nire burua ilerik gabe. Amorrua ematen dit horrek! Hala ere, espero dut hori ere jasatea. Baina gustatu, batere ez! Nola harrapatu zaitu zurrunbiloak? Harrituta nago neure buruarekin. Izakerak ere badira, gauza gogorrei aurre egin behar zaiela pentsatzen dut. Txikitandik ikasi dut hori, horixe irakatsi didate: ezin duzu alde egin, trikuarena egin, zeure burua ezkutatu gauzak ez ikustearren. Uste dut aurre egin diodala egoerari: "Gogorra dator, heriotza ere etorriko dena badakigu, hauxe izan liteke momentua"… Aita, esate baterako, hamasei urte nituela hil zitzaidan, eta ama, berriz, ez zen iritsi nik dudan adinera, 63 urterekin hil baitzen ama. Beraz, urte gehigarri horixe daramat aldean! Kar, kar… Gerta dakidake heriotza, gerta dakidake, nahiago nuke ez, baina hor da beti hori. Hamasei urte zenituela hil zitzaizuen aita, esan duzunez. Zer irakaspen dator hortik? Egoerari aurre egin behar zaiola. Aita hil zenean, horixe izan zen: egoerari aurre egin beharra. Ama beti izan zen oso adierazkorra, oso maitekorra, baina sekula ez negarti, nahiz eta negar egin behar bazen negar egiten zuen. "Egin dugu negar! Orain, aurrera!". Irakaspen sakona da: egoera latzaren aurrean berez datorkizu erantzuna, zeure buruari agintzen ibili beharrik gabe. Ondo hiltzeko elkarteko kide omen zaitugu, Heriotza Duinaren aldeko Elkartekoa… Ama zelan hil zen ikusi nuen, eta terriblea iruditu zitzaidan. Minbiziaz hil zen, klinika pribatu baten. Suerte txarra izan zuen, Gabonetan gaizkitu zelako eta gabonzahar egunean eraman genuelako klinikara: mediku gutxi, erizainak batek daki non… Gogoratzeak ere ikara ematen dit. Ama oinazetan zegoen, eta gu senideok korridoreetan, laguntza eske: "Mesedez, egizue zerbait!". Inor ez zen agertzen. Izugarria. Izugarria… Beti pentsatu dut, eta amak ere pentsatzen zuen, eutanasia eskubidearen jabe izan beharko ginatekeela, pertsonak ezin ditugula tratatu animaliak baino txarrago: zaldi bat hilzorian dagoela, arindu egiten diogu sufrikarioa! Eta ama oinaze handiz hil zen, medikuek ez zioten lagundu. Geroago, jakin nuen bazela Heriotza Duinaren aldeko Elkartea, bazela bizi-testamendua… eta elkarteko kide egin nintzen: Euskadiko 22. kidea naiz, nahiz eta, lotsagarria bada ere, ez dudan ezer egiten, dagokidan kuota ordaindu baino. Hala ere, elkarteak hiltzear dagoen jendearen alde egiten duen lana oso ondo ikusten dut. Zertan laguntzen du elkarteak? Zaintza paliatiboetan, adibidez. Sufrimendua ahalik eta gehien gutxitzen laguntzen dute elkartekoek, norberaren borondatea bete dadin lan egiten dute, nahi ez duzunik ez dezazun jasan zaintzen dute, zure bizitzaren eta zure gorputzaren jabe ahal den eta gehien izan zaitezen arduratzen dira. Azken momentuetako pautak zeuk agindu ditzazun nahi du elkarteak. Ama eutanasiaren aldeko zenuela esan diguzu. Usteko nuen gazteagoen kontua zela hori… Ama oso irakurria zen, asko irakurtzen zuen. Asko, asko, asko. Asko, asko, asko. Literatura zale amorratua zen, oso buru zabala zuen, modernoa zen. Eutanasiaz eta beste gai askoz hitz egin dut nik amarekin txikitatik. Nondik zetorkion irakurtzeko zaletasuna? Oso gauza bitxia da, eta istorio polita. Galdera interesgarria, niri asko gustatzen zaidana. Amaren irakurtzeko zaletasuna… Tira, amamarena behar nuen esan! Amama zen irakurzalea? Bai. Iurretako baserri batekoa zen, umezurtza. Etxebarrietako Kaikuena zen baserriaren izena, papertegiaren inguruan. Bilboko alkate Azkunaren aitaren lehengusina zen gure amama. Ama hil zitzaion bera jaiotzeaz batera, eta aita koinatarekin ezkondu zen, orduan zen legez. Amamak umezurtz kontsideratzen zuen bere burua, halaxe kontsideratu zen hil zen arte. Amaordeak ez zuen, antza, askorik maite izan. Letrak ikasi zituen Iurretako eskolan doña Leona maistrarekin, gauza oso elementalak. Hamasei urterekin Bilbora joan zen zerbitzatzera, eta Banco Urquijoko ugazaba baten etxean lan egitea gertatu zitzaion. Bankariaren emazteak –sei umeren ama–, oso harreman ona izan zuen gure amamarekin. Oso argia ere bazen amama, eta emakume hark erraztu egin zion amamari liburuetara bidea: etxeko biblioteka zabaldu zion, liburuak irakur zitzan. Eta horrelaxe irakurri zuen asko gure amamak, baina erdaraz! Eta, nire ustez, hor hasten da euskara-erdara kontraesana. Kontraesana? Zer esan gura duzu? Ikasteko, mundua deskubritzeko bidea erdaraz zetorren. Amamarentzat liburuak ziren munduko gauzarik handiena eta ederrena. Baina liburu guztiak erdaraz ziren! Amamak niri erdaraz egiten zidan. 50ean jaioa ni, aita erdalduna… Amamak gure amarekin euskaraz egiten zuen, batez ere nik ez ulertzeko. Eta hara non datorren kontraesana: "Euskeraz egin behar dogu, euskera gurie da-ta!", esaten zuen amamak. Nirekin, ordea, erdaraz. Kolegioa ere erdaraz zen garai hartan, "a hablar eso, al monte" esaten zieten lagun euskaldunei moja agintariek. Nik kalean ikasi nuen euskaraz, geroago, neure kontura! Etxera etorri eta euskaraz egiten nion amamari. Arraro egiten nuela esaten zidan, baina gustura egiten zuen nirekin euskaraz. Halako batean, hika ikasi nahi izan nuen, amamarekin: "Amama, noka egingo jonagu?" esan nion baten, berak: "Amamari noka! Ez horixe!". Eta sekula ez nuen noka ikasi! Ama baino lehen, zuenean amama da irakurtzen duena… Eta liburuak asko estimatzen zituena. Alargundu egin zen, eta ultramarinos denda handi bat zuzendu zuen Durangon. Zugaza familiaren etxepekoa zen. Bere urguilurik handiena zen gerra garaian zugazatarren biblioteka handia gorde zuela: "Lasai, neuk gordeko dot eta!", esan omen zien. Ez dakit zelan gorde zuen, baina amamak bere gain hartu zuen zugazatarren liburutegiaren ardura gerra denboran. Bizi osoan kontatu zuen hori. Liburua gauza sakratua zen amamarentzat. Ez zekien idazten. Dendan, "patata" idatzi behar zuenean "p-t-t" idazten zuen, silabiko moduko bat egiten zuen. Egunkaria ere egunero irakurtzen zuen. Euskaraz elizako gauzatxo txiki batzuk irakurtzen zituen, ez besterik. Euskaraz elizan ere oso gutxi egiten zen orduan Durangon. Jesuitetan egiten zen apur bat. Amamak aita Goikoetxearengana bidali ninduen, errezetan, otoiz egiten, euskaraz ikasteko. Eta ikasi nuen, euskaraz ez dakidala! Euskaraz ez zenekien eta euskaraz errezatzera bidali zintuen amamak? Bai, bada! Gauza kontraesankorra! "Aita gurea, zeruetan zagozena…". Eta amamaren ondoren, amak asko irakurtzen zuen, eta idatzi ere ondo idazten zuen, baina, lehenengo, amama da. Hor, dena dela, niretzat interesgarria da euskara eta gaztelaniaren arteko harreman hori, euskararenganako leialtasuna nola gorde: gaztelania zen jakituriaren iturria, eta euskara, berriz, gurea. Gure amamaren tentsioetako bat izan zen hori. Tentsio hori oraingo eguneko kontua ere bada, ala? Bai, guk arima erdibituta daukagu beti. Argazkia: Zaldi Ero. Aita erdalduna esan duzu… Santanderrekoa. Aita nafarra zuen, ama Santanderrekoa. Aitak hamalau urte zituen gerra hasi zenean, eta gerrarik ez, baina soldadutza luzea egin behar izan zuen, hiru-lau urtekoa. 1944an, soldadutza Santanderren egiten zebiltzan mutilak Durangora ekarri zituzten, Pirinioetan zebiltzan makien kontra borrokatzera. Azkenean ez ziren hara joan. Durangon ezagutu zuten elkar nire gurasoek. 1949an ezkondu ziren eta horrela jaio nintzen ni Durangon, Uribarri. Bertako amabirjinaren izena daroat. Gazterik hasi zinen irakaskuntzan, eta 70eko hamarkadaren hasieran ikastolan ari zinen andereño… Hasteko, 1970-71n Iurretako ikastolan irakasle nintzen. Batxilergo ikasketak laugarren maila arte egin eta Bilbora joan nintzen Merkataritza peritu ikasketak egitera. Han, hirugarren urtean ari nintzela –hamasei urte nik–, aita hil zitzaidan… Kurtsoa galdu nuen… Bulego batean hasi nintzen lanean, eta lan hori gorroto nuela konturatu nintzen. Laster esan nion amari: "Bulegoan ez, ama, ez dut gura behar hori". "Ume, zer gustatzen zaizu? zer egingo zenuke?". Eta maistra egin nahi nuela esan nion, nahiz eta aurretik ez nuen nahi izan, maistra izatea Durangon ikasten ari nintzen kolegiokoen bidea zelako. Kolegioan batxiler egindako neska gehienak Durangotik Gasteizera etortzen ziren maistra ikasteko. Nik, berriz, ez nuen hori nahi, ordurako errebelde xamarra nintzen eta. Eskola partikularrak emanak nituen ordea, eta gustatzen zitzaidan. Amak esan zidan: "Bizitzan gauzarik inportanteenetakoa gustuko lanbidea izatea da. Gustatzen bazaizu, egizu, baina zeuretik pagatu beharko duzu, behar egin beharko duzu". Eta Durangoko moja eskola baten hasi nintzen lanean, haur hezkuntzan, eta libretik etortzen nintzen Gasteizera ikasketak egitera. 1970ean irakasle ikasketak amaitu eta, titulua neukala, zain neukan Iurretako ikastola. Eta haraxe joan nintzen. Ikuskaritzarekin gorabeherak izan zenituztela irakurri dut Hik Hasi aldizkarian egin zizuten elkarrizketa batean… Ikasturte hartan bertan etorri zitzaigun ikuskaritza, eta itxi egin zigun ikastola. "Catequesis San Miguel" zeukan izena gure ikastola hark. Martxoan itxi zigutenetik ekainera bitartean etxerik etxe ibili ginen umeekin, inoren etxean beti. Ikuskatzaileak, guk irakatsi ahal izateko, guardia zibilaren eta poliziaren jokabide zuzeneko agiria eta parrokoaren onespena eskatu zizkigun. Parrokoak erraz eman zidan agiria, nahiz eta ni ordurako elizara joateari utzia nion. Guardia zibiletara joan, eta han ez zutela halako egiaztagiririk, ikuskatzaileak berak emango zidala. Ikuskatzaileari agiri eske joan nintzaionean, "usted, peligrosa dirigente de ETA", hasi zitzaidan, "eskola emateko asmotan zatoz hona? Bizian ez duzu eskolarik emango!". "Ikusiko dugu hori!", erantzun nion nik neure aldetik, txitxi baino harroago. "Ikusiko dugu!", berak. Hogeita bat urte nituen… Don Pablo Sanchez Aizpuru zen ikuskatzaile hura. Fatxa hutsa. "Peligrosa dirigente de ETA" nintzen, abenduan egin zen Burgoseko epaiketa zela eta, itxialdia egin genuelako Durangon. Gaua eman genuen elizan, eta irtekeran, hantxe zeuden guardia zibilak, guztion izenak hartzen. Eskola ematea galarazi zizun ikuskatzaileak… Haren egiaztagiririk gabe eskola emateko modurik ez neukan, baina uda hartan bertan ikastoletako irakasleontzako ikastaro batean batu ginen hainbat jende Iruñeko apaiztegian. Hala ere, handik ere bota egin gintuzten. Lekua behar genuen ikastaroan segitzeko, eta nik Durangon zer edo zer topatuko nuela esan nuen. Eta handik gutxira lekua nuen, Iurreta aldean, Arriandin, mojen komentuan. Hantxe egin genuen ikastaroa! Imanol Gaztañaga, Gaztantxo, zen orduan Euban elkartzen ziren Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzailea, baina soldadutzara zihoan, eta niri eskaini zidaten Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzailetza. Irakasleen koordinatzaile nintzen, eta ordaindu ere irakasleek ordaintzen zidaten soldata. Ehun bana pezeta ordaintzen zuten irakasleek, nire soldata osatzeko. Behin ere ez zitzaidan soldata hura falta izan. Oso ondo koordinatzen ziren koordinatzaileari ordaintzeko! Bitartean, irakasle titulua Santurtziko ikastolari utzi nion, erabil zezaten, Sanchezen lurraldetik kanpo. Sasoi hartan ikastaroak eta pedagogiaren inguruko batzarrak antolatzen ibili nintzen, batetik bestera autobusez edo auto-stop eginez. Bulegoa ere bageneukan, Bilboko Erribera kalean, Euskaltzaindiaren egoitzan. Urte bat Erriberan, beste bat Pilota kalean Anaitasuna aldizkariaren egoitzan. Eskola aktiboa,  laikoa, modernoa, demokratikoa asmatzen ari ginen.  Bazenekien pedagogiaz? Bai eta ez! Ordurako hiru-lau urte irakasle izana nintzen Durangoko mojen kolegioan, eta beste bat ikastolan egina nuen. Bestalde, asko irakurri izan dut beti, eta orduan ere asko irakurri nuen, batez ere koordinatzaile ardura nuelako. Gauza asko deskubritzen hasi nintzen: Freinet guztia irakurri nuen, Freire, Neill, Makarenko, Postman eta Weingartner … Garaian irakurtzen zirenak. Bizkaiko gurasoen koordinatzailea zen Arantza Santamaria eta biok Legorretara joaten ginen, Ikaztegietara ere bai –mojen komenturen bat-edo zegoen–, eta Gipuzkoako Jaxinto Setien eta Arantza Allurrekin elkartzen ginen, Arabatik joandako Eusebio Osarekin, Nafarroako Kontxi Zabaleta eta Jabier Lakastarekin… Pedagogiaz aritzen ginen, ikasmaterialez eta didaktikaz. 1971tik 73ra ibiliko nintzen ni horretan… Zertan zen politika giro beroa? Ordurako politikoki antolatuta nenbilen. EMK-koa nintzen. Maite nuen eta interesatzen zitzaidan lanean ari nintzen, batetik, eta, bestetik, politikan sartuta nengoen, nahiz eta gauza biak batu egiten ziren. Mentalitate gatazka puri-purian zegoen, euskara batuaren auzia eta hatxearen kontrako borroka. Alde batetik, oso eskuindar zen jendea zegoen, euskal esentzien zaindariak, eta beste aldetik, gu bezalako jendea. Esaterako, gu izan ginen pilulak hartu zituzten lehenbiziko emakumeetakoak. Sartre eta Fanon irakurtzen genituen, Freud irakurrita geneukan. Eubako fraide baten hitzak gogoratzen zaizkit: "Hori marxista dok!". Bai, marxismoa ere irakurtzen genuen, eta "euskaldun, fededun" legea zen denboran, gu horren kontra geunden, karka hutsa iruditzen zitzaigun lelo hura, oso gauza atzerakoia. Giro horretan, Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzaile nintzen garaian Deustuko ikastolak hainbat irakasle kanporatu zituen, adibidez. Hainbat herritako ikastoletan gertatu ziren kaleratzeak… Saltsa galanta izan zen garai horretan. Bizkaiko ikastolen historia idatzi da, baina han horrelakorik ez da agertzen, barne tirabirak ez dira agertzen, baina Deustuko irakasle kanporatu batzuek salaketa jarri nahi izan zuten, euren buruak defenditzeko esanez gizarte segurantzarik ordaindu gabe egin zutela lan. Ikastolen egoera oso larria zen, eta gogoratzen naiz Periko Ibarrak –irakasleen abokatu ari baitzen–, galdetu zidala, ni koordinatzaile nintzela, zer irizten nion irakasleen salaketari. Ez zitzaidala egoki iruditzen esan nion, ikastolaren jokabidea nazkagarria iruditzen zitzaidan arren ez niola etsaiari aterik zabaldu nahi. Marra gorriak ere baziren orduan. Nik orduan ez nekien, baina gero buelta etorriko zitzaidan. Buelta? Bai, 1973an, Elorriora joan nintzenean lanera. Hango ikastola guztiz zen ilegala, hilabeterik hilabete lanean eta ez genekien itxiko ote ziguten, ezta soldatarik kobratuko ote genuen ere. Are gehiago, irakasleen artean banatzen genuen soldata: tituludunen eta titulugabeen artean, berdin kobratzen genuen denok. Sei urte egin nuen lan Elorrion. Ikastola legeztatu zenean, 1976an, hasi ziren gorabeherak. Ideien aniztasuna ez errespetatzen hasi zirenean, batzuek kontrol ideologia nahi izan zutenean. Ni, esate baterako, Euskadiko Ezkerraren zerrendan agertu nintzen –baina hamahirugarren tokian!–, 1977ko lehen hauteskundeetan, eta, ordu arte ona baino hobea nintzena –eta nirekin batera beste batzuk–, deabru bihurtu ginen. PNVko eskuin muturra agertu zen orduan, eta PNVko eskuin muturra diot, PNVk bazuelako, Elorrion berton ere, beste alde bat. Ikusi nituen PNVko gurasoak bata bestearen kontra hostiaka hasteko zorian, elkarri paparretik helduta eta builaka, guraso gazteak zahar eta karkari esaten ziola: "Hik zer uste duk, komunistek adarrak eta buztana dauzkatela?". Herrian abadeak agintzen zuen, haren inguruan antolatu zen gorrion kontrako ehiza. Oso gauza fuertea, ez zen tontakeria izan. Elorrion izan ginen guztiok oso gogor markatu gintuen kontu hark. Zergatik haserre hori hainbat ikastolaren barnean? Elorriokoa, esate baterako, Franco hil eta laster gertatu zen, eta jendeak demokrazian jokatzen ez zekien. Ez genekien. "Nire alderdikoa zara, edo etsaia zara", ez zegoen besterik. Izugarria iruditu zitzaidan. Susto handia hartu nuen, baina ez ikastolan bakarrik, baita ezkerreko mugimenduan ere. Gauza bertsuak ikusi nituen batean eta bestean, nazkagarria iruditu zitzaidan sektarismo hura, horrexek urrundu ninduen politikatik. Gaur egun ere, horixe iruditzen zait politikaren gauzarik nazkagarriena, sektarismo hori, norberaren taldekoa ez den batek egindako lan ona sekula ez onartzea. Gainera, printzipioz ez onartzea! Politikatik kanpo nago, komatxo artean kanpoan, ze jarraitzen dut, baina ez nago bakarrik alderdi batekin, ez zait iruditzen bakarrik batek egiten dituela gauzak ondo, ezta txarto ere. Horregatik gertatzen zait gertatzen zaidana, alegia, sarri askotan ez dakidala nori botoa eman! Bizio nazionala da hori. "Gora gu eta gutarrak" esaten dugu, baina nor gara "gu"? Nik diodana da "gu"? Nire lagunak? Nire kuadrilla?… "Gu" hori oso txikia da. Irakasleak ere kanporatu zituzten hainbat ikastolatatik garai hartan… Bai. Langile oso onak galdu ziren orduan, esanekoenak ez zirenak. Borroka ideologikoaren ondorio izan ziren langile kaleratzeak. Elorrioko gatazka hura bezala. Ondo jaso ez den borroka bat izan zen hura. Han herriko abadeak eta PNVko buruek hartu zuten parte. Ikastolaren azterketa eskatu zioten Ruiz de Olabuenaga Deustuko Soziologia katedradunari eta honek galdera egin zuen gurasoen artean ea ados zeuden kristau ez ziren irakasleen eskuetan euren umeak uzteko. Gurasoen %75ek erantzun zuen onartzen gintuztela, eta azterketa hura bultzatu zutenek beren seme-alabak ikastolatik atera zituzten: borroka irabazi genuen, eta herriko abadeak eta PNVko eskuinak galdu. Sei urte generamatzan irakasleok Elorriko ikastolan, lanean, dena ematen. Ezkerreko jendea ginen, batzuk politikan sartuak, beste batzuk ez. Hainbat printzipio partekatzen genuen, lan pedagogiko ona egiten genuen. Irabazi egin genuen borroka, ez gintuzten bota. Haiena borroka ideologikoa zen. Batzar batean, altxatu nintzen eta zuzenean galdetu nion Juan Jose Pujanari,  guraso batzordekoa zela uste dut, eta ez bazen batzordekoa, egiteko inportantea izan zuen batzarretan: "Zein partidutako karneta eduki behar dut lanpostua mantendu ahal izateko?". Isiltasuna, jakina. Geuk irabazi genuen borroka, eta herriko abadeak eta PNVko eskuinak galdu. Gogoan dauzkat guraso eta irakasleen arteko besarkadak, kasik bi urte iraun zuen borroka hura irabazi eta gero, beste urtebete eman nuen ikastolan. Jazarpena hainbesterainokoa izan zen, neka-neka eginda utzi ninduen eta alde egitea erabaki nuen. Gasteiza etorri nintzen. Bizkaiko ikastoletako irakasleen koordinatzaile zinen garaian, gertaera tragikoa, andereño baten heriotza latza. Arrasateko ikastolako andereño Adela Ibabe hil zen 1973an, abortu klandestino baten ondorioz… Garai hartakoak dira Portugalete, Santurtzi, Donostia eta beste ikastola batzuetako irakasleen kanporatzeak. Eskuinak bere erara gobernatu eta kontrolatu nahi zituen ikastolak. Arrasateko gatazka izan zen sasoi hartako adierazlerik nabarmenena, ze hamasei irakasle bota nahi izan zituzten, esanez Marxen argazkiak zeuzkatela gelan… Eta horrelakoak! Terriblea! Behin, kalean, langileek irakasleak inguratu egin zituzten! Oso gauza fuertea izan zen. Ondorioz, 1973an, Bizkaiko irakasleen lehen asanblada antolatu genuen. Pauso inportantea izan zen ikastoletako irakasle guztiok batzea. Ordu arte, zonaka batzen ginen; pedagogia gaietarako, esan nahi dut. Orduko hura bestelako errebindikazioa zen. Eta saltsa horren erdian gaudela, Adelarena gertatu zen. Adelaren heriotza. Haurdun zegoen, baina bizimodu estu haren erdian ez zion, antza, denborarik eman bere buruari begiratzeko. Beste aldera joan zen, sarraskia egin zioten, eta oinazetan hil egin zen. Terriblea! Basurtuko ospitalean lagun nuen erizain batek kontatu zidan. Orduan ezagutu nuen Natxo de Felipe, ni Euskaltzaindian nengoela, Gabriel Arestiren poemari –Arestik eta Natxok berak egin zuten testua–, musika jarri nahi ziola eta Alostorrea-ren musikaren bila datorrela. Adela gure arabar lorea, giputz arroka hi, Bizkaiko burdina… Adela gure arabar lorea… [kantuan da Uri] Adela Ibaberen heriotza, ahaztuta egon den zerbait izan da, orain dela hiru urte Edorta Aranak sustatu.eus-en historia berreskuratu zuen arte. Argazkia: Zaldi Ero. Zenbateraino ezagutu zenuen Adela Ibabe? Ez askorik. Harreman politiko laburra izan nuen Adelarekin. Hura Gipuzkoa aldean mugitzen zen, Bizkaian ni, nahiz eta EMK inguruan genbiltzan biok. Baina ez genekien zer ginen ere, EMK edo zer, dena klandestinoa baitzen orduan, eta inork ez zuen esaten nongoa zen. Baten elkartu nintzen Adelarekin, baina nik ez nekien "hura" Adela zenik ere. Elorriotik Gasteiza etorri eta eskola publikoan hasi zinen lanean. Laster, material didaktikoa sortzen ari zinen. Polita izan zen eskola publikoan euskara irakasten hastea. Lan handia egin genuen materialak sortzen. Lehenengo, Hegaz sorta egin genuen. Gero, Kalakari. Marraztu, idatzi… denetatik egiten genuen. Bi ohar ere egingo nituzke nik. Batetik, hizkuntza irakasteko beste modu bat bilatu genuen, ordu arteko hizkuntza liburuak aspergarriak baino aspergarriagoak baitziren, eta jarraitzen dute izaten kasu batzuetan. Bestelako liburuak egin nahi genituen, barre egiteko ere balio zuten liburuak. Ikastea eta barre egitea batera joan zitezkeen! Bestetik, nesken presentzia ziurtatu genuen. Hegaz-en, Kalakari-n… neskak eta mutilak proportzio berean erakutsi genituen, irudietan, ipuinetan eta denetan. Gure taldearen legea zen!... Sasoi batean, 1982az gero-edo, eskoletan erabiltzen ziren testuliburuek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren onespena behar zuten, zenbait irakaslek behar ziren txostenak egiten genituen material haien proposamen pedagogikoen gainean, eta nik horixe aipatzen nuen beti: "Bai, baina emakumezkorik hemen ez dago. Haren presentziarik ez dago. Ezin da material hau onetsi eta eskolara bidean jarri, diskriminatzailea da-eta". Urteak eman genituen borroka horretan, harik eta egun batean leihoa zabaldu zen arte. Baina urte askoan jendeak ez zuen ulertu gure insistentzia. D eta B ereduetarako material ezberdinak diseinatu zenituzten. Konturatzen ginen ezin zela berdin irakatsi euskara herri euskalduneko ikasleari eta euskararik ez zekienari. Besterik da zer nolako materiala egin genezakeen garai hartan. Hiru maisu-maistra ginen, Jaurlaritzaren aginduz materialak sortzen ari ginenak B eredurako. Liburu bat edo bi egiten genituen urtean. Ereduak martxan jarrita zeuden 1983rako, eta materiala atera beharra zegoen! 87ra arte egon ginen materialak egiten. Gure kasuan, materiala egin eta irakasleei erakusten genien, zelan jokatu behar zen azaltzen genien. Nolabait, irakasleen prestakuntza zen hura. 81etik 87ra materialak prestatu eta irakasleekin lan egin genuen: materiala egin, irakasleekin bildu, azaldu, eztabaidatu, haiek praktikara eraman, oharrak jaso… Irakasle mintegiak ziren, irakasleekin egin genuen lan. Asko irakurri behar izan genuen garai hartan. "Ezer ez dakit!", esaten nion neure buruari. Orduantxe hasi nintzen zoroaren pare batean eta bestean begiratzen bigarren hizkuntza zelan irakasten den. Lehenengo, batez ere frantsesez; gero, ingelesez, baina askorik ez nekien ingelesez! Norberaren ibilaldi intelektualaren larritasuna da hori. "Ez dakit… ez dakit… ez dakit…". Non bilatu zenituen erantzunak? 80ko hamarkadaren hasiera hartan, gogoan daukat Xixa Gardnerrek eman zigun ikastaro bat. Oso interesgarria, asko lagundu zidan. Gaitasun komunikatiboaren inguruan hitz egin zigun. Edo Zaragozako unibertsitatean René Richterich-ek hitzaldia zuela eta harainoxe egindako bidaia. Hemen ez zegoen gauza handirik! Mari Karmen Garmendiak esaten zuena: "Guk Siguan eta Mackey-ren liburua irakurrita, eta haiexekin hasi ginen    sistema elebiduna eraikitzen!". Eta beste bat, italiarra, Renzo Tittone. Bilingües a los tres años. Esan nahi dut, batetik irakurketak genituela, nahiz eta gutxi izan, eta, bestetik, berriz, han-hemen egiten ziren hitzaldi batzuk eta ikastaroak ere bagenituela. Sitges-era joaten ginen han egiten ziren elebitasunaren inguruko jarduenaldietara. Esaterako, 1983an ikerlan bat aurkeztu genuen Kalakari taldekook Gasteizko Rogelia Alvaro eskolako haur hezkuntzan egindako ikerketa. Oraindik  ere ikerlan ona iruditzen zait, hiru-bost urteko haurrekin ari ziren Pili Sanz eta Pili Hernandez maistrekin. Umeekin nola hitz egiten zuten aztertu genuen, umeek nola hitz egiten zuten… oso analisi duina egin genuen, publikatu genuen lehen lanetako bat izango zen. Ez genekien zer gertatzen ari zen eskolan, zergatik eta nola lortzen zen umeek euskaraz egitea, eta jakin gura genuen. Gaur egun ere jakin egin behar da zer gertatzen den, hor datza kontua. Aztertu egin behar da, analizatu, hausnartu hizkuntzaren ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetan gertatzen ari denaren gainean, bestela inork ezingo du ondo eman eskolarik. Guk geuk ere, hausnarketa eginagatik ere, nahiko lan genuen esaten zelan irakatsi behar zen ondo! Garai hartan hasi nintzen janzten. Geure buruari galderak eginez, erantzun bila abiatuz… Sitgesera joanez, adibidez, erreferentzia teorikoak gureganatzen, beste zenbait lekutako prozesuak eta ikerlanak ikusten… Sitges aipatu duzularik, zer eman dizu Kataluniak? Ikastoletako koordinatzaile nintzela joan nintzen Bartzelonara lehenbizikoz. Hogeita bat urte izango nituen. Hemengo ikastoletan Freineten liburuak-eta irakurtzen eta zabaltzen genituen, baina udalekuak ere egiten genituen, jostailu kanpaina gabonetan, eta beste hainbat gauza. Gabonetako kanpaina zela-eta, Bartzelonara joaten ginen Rosa Sensaten Abacus kooperatibara, jostailu ez sexistak eta ez biolentoak ekartzera. Hainbat ikastolatan egiten genuen kanpaina. Bartzelonan pedagogian punta-puntan zebilen jendearekin harremanetan sartu ginen, Marta Matarekin, adibidez. Maitasun berezia ziguten, bereziki ondo tratatzen gintuzten. Harreman hura egin ondoren, udaro joaten nintzen Rosa Sensaten ikastaroetara. Ideia pedagogikoak eztabaidatzen genituen, baina haiek idea politikoekin batera zetozen, frankismoaren eta faxismoaren kontra jantzita. Eskola demokratikoaz hitz egiten genuen. Oso mundu aberatsa. Asko ikasi dut Bartzelonatik, lagun onak egin ditut han eta duela gutxi arte eurekin ibili naiz ikerkuntzan. Ikerkuntzan, Hizkuntza eta literaturaren didaktika irakasle izan zarelako joan den aspaldi handian eta erretiroa hartu artean Euskal Herriko Unibertsitatean. Momentu batean, liburugintza amaitu egin zen. Seigarren mailara arte egin genituen. Bitartean, euskal filologia ikasten ere hasi nintzen, ezer ez nekiela konbentzituta eta neure burua jantzi beharra neukala sinestuta. 87an euskal filologia bukatu eta formatzaileen formatzaile ikastaroa egin nuen Madrilen, hemengo Hezkuntza sailak eta Madrilgo ministerioak antolatutako kurtsoa. Nahiko luzea, klasikoa… Edukiak edukiaren gainetik! Hura amaitu eta PAT Pedagogi Aholkularitzategi batean hasi nintzen, formatzaileen formatzaile. Urtea egin nuen han, baina ez nuen neure burua bertan ikusten. PATen egitura bera ez zitzaidan gustatu, ni neu beste era batera lan egiten ohituta nengoelako, beharbada. Ez nuen esperientzia onik izan, eta, bitartean, plazak atera ziren unibertsitatean. Aurkeztu eta atera egin nuen plaza, Bilbon. Ez Gasteizen! Kar, kar… Erraza zen! Ordurako hainbat testuliburu, artikulu eta zenbait ikerlan argitaratuak nituen eta, bestalde, didaktika zen neure esparrua, urteak neramatzan didaktika lanetan! Hizkuntzak gurean ez direla ondo erakusten iritzi diozu. Nire ustez, ez. Askotan nahastu egiten da hizkuntzaren formak ezagutzea hizkuntza erabiltzen jakitearekin. Hizkuntzak linguistikak analizatzen ditu, eta, horretarako, deskonposatu egiten ditu. Besterik da hizkuntza irakastea, hau da, hizkuntza erabiltzen irakastea, batetik, eta, bestetik, berriz, hizkuntza objektu modura ezagutzen irakastea. Hizkuntza objektu modura ezagutzeak, bere formak aztertzearen helburua hizkuntza hobeto erabiltzea da, bestela ez du zentzurik. Oinarrizko eskolaren helburua ez da linguistak sortzea, hizkuntza ondo erabiltzen dakien jende gaitua prestatzea baizik. Horretarako, hizkuntzaren nondik norakoak jakin beharko ditu erabiltzaile horrek, hizkuntzaren barne mekanismoei begiratzeko gaitasuna, esangurari mila ertz bilatzeko ahalmena eta esateko modua zaintzeko nahia garatzea. Horixe da inportantea. Ez du balio gauzak edozelan esatea, helburuarekin, solaskidearekin, egoerarekin bat datorren biderik onena baliatu behar da. Zergatik ez da egiten? Hain gauza ebidentea… Ez da erraza, baina. Bada irakaskuntza tradizio luzearen eragina. Irakasleak hitz egiten du eta ikasleek entzun, entzunez egiten ikasiko omen delakoan. Askotan, helburua izaten da hizkuntza kategoriak ulerraraztea, ez hizkuntza praktikan entrenatzea eta hura analizatzea, hurrengoan hobetzeko. Hala da, baina antza,  hau dena aldatzea oso zaila da. Bestalde, irakasleak unibertsitatean prestatzen dira, irakasle-eskoletan. Bertako irakasle asko, berriz, literaturaz arduratzen dira. Nik, behintzat, uste dut joera hori duela irakasle unibertsitari askok.  Hizkuntzak eta batez ere, bigarren hizkuntzak irakasteko, ez dago gurean prestakuntza berezirik. Unibertsitateak, berez, maila bateko espezialistak prestatzen ditu, baina ez du 3, 4, 10 edo 13 urteko ikasleen hizkuntza irakaskuntza bideratuko duen irakaslerik prestatzen. Orduan, nola trebatu ikaslea hizkuntzaren erabileran maila askotan eta maila askotarako, sakontasun, ñabardura eta zehaztapen askotarako? Irakasleak ezin du bakarrik forma landu, komunikazioa ahaztuta, ezta ontzat eman edozelako komunikazio zarrapada. Joan-etorria planifikatu behar da, diskurtsotik formara joan-etorri etengabeko bidean. Ikaslearen burua ere zelakoa den kontuan izan behar da, alegia, hizkuntzaren puzzlea osatzen lagundu behar diogu, puzzle hori antolatzen erakutsi behar diogu. Horretaz arduratzen da didaktika, eta didaktikak ikaslearen ikuspuntuak aztertzen ditu, ikuspuntuok problematizatzeko bidean jarriz: bata bestearekin harremanetan eta kontraesanetan jartzeko. Nire ustez, galdera nagusia da, hizkuntzaren didaktikan zein beste edozein arlotan, nola planteatzen den problema, nola ikusarazi hain ebidentea ematen duen hori. Lan nekea ematen du… Bai. Kontrakoa, lan aspergarria egitea da. Niretzat joko polita da bi hizkuntzarekin egin daitekeena. Gurean ez dago bi hizkuntza baino gutxiago duen umerik. Batzuek hiru eta lau ere badituzte. Hizkuntzen artean konparaketak egitea oso interesgarria da. Zergatik esaten da "lagun bat" euskaraz, eta "amigo uno" ez, gaztelaniaz? Hara! Zergatik, eta nola, eta noiz? Hizkuntza bakoitzaren barne logika, barne puzzleak egitea gakoa da, piezak zelan dabiltzan konturatzeko eta hizkuntza bakoitzari sor zaiona emateko. Itzulpenak, esaterako, hizkuntzari buruz pentsatzeko moduak dira, pentsamendu mentalinguistikoa egiteko era. Baina ez formatan gelditzeko, komunikazioaren konplexutasunaz konturatzeko eta haren finezietan entrenatzeko. Hara, duela bost bat urte lagun batek eskatu zidan alabari lagun niezaiola, euskaraz zailtasunak zituela eta. "Zatoz", esan nion, hizkuntza materialak hartuta!. "Hizkuntza", gure kasuan, gaztelania da: "Lengua y literatura castellana". Euskara, berriz, "euskara" da, ez hizkuntza, nonbait! Etorri zen nire lagunaren alaba hura, eta irakasleak azterketan jarriko zizkion moduko ariketak erakutsi zizkidan: zekizkiokeen, gintzaizkioke… eta ikasleak adizki bakoitzaren ezaugarriak aletu behar zituen! Tradiziorik ustelduenean ere ez dut halako analisi morfologikorik ikusi, esaldirik ere ez!  Sentitzen dut, "Nik ez dakit hori egiten, eta ez dut ikasi nahi ere!", esan nion, "irakasleari esan diezaiokezu ez dizudala honetan irakatsi nahi izan". Gramatika zalea naiz, inportantea iruditzen zait gramatika, baina adizki haiek modu hartara aztertzea zarama zen, zarama hutsa, ez gramatika irakastea, ez hizkuntzaren mekanismoaz jabetzea. Eredu zaharkitua salatzen duzu… Munduak asko aurreratu du! Aipatu dizudan neska horrek ez du euskaraz hitz egiteko erraztasunik, eskolan ahozkoari sekulan ez diotelako garrantzirik eman. Idazten polito moldatzen da, baina naturaltasunik gabe. Dena dela, irakaskuntzaren helburua ez da hizkuntza idatzia irakastea, hori latina irakastea litzateke. Eztabaida sakona behar da, hizkuntzaren irakaskuntzan zer den funtsezkoa erabakitzeko… Gurean zabalduta dagoen eredua duzu, hala ere… Ez dakit non den errua ere. Irakasle eskola edo fakultateetara heltzen diren filologo asko literaturaz dakite, baina hurrengo belaunaldiak prestatzeko, hizkuntzez ere jakin beharko lukete. Psikolinguistikaz eta pedagogiaz ere jakin beharko lukete. Irakasgaiak didaktikoki aztertzen jakin beharko lukete, zer irakatsi, eta nola, ondo aukeratzeko. Baina ez dakite. Onenean, CAP edo Pedagogiaren Gaitasun Ikastaroa hala-moduzko bat gainditu dute eta akabo!, Eskolak ematen hasten dira eta urteetan, hurrengo belaunaldiko irakasleak prestatuko dituzte. Ez diot irakasle guztiak txarrak direnik, baina eredua hori dela bai, eta inork ez duela eztabaidatzen ere bai. Unibertsitateak bere jokabidea aztertu beharko luke, seriotan. Munduak asko aurreratu duela diozu, eta, aldiz, hizkuntzaren irakaskuntza ez doa ongi… Sistemak agintzen du. Inork ez du gainbegiratzen zelan ematen dituzun eskolak, ikasleek ikasten duenak balio duen edo ez. Horrelakorik ez da egiten, gogoeta eskatzen duelako, analisia, prestakuntza. Unibertsitatean sartzeko, esaterako, tituluarekin batera han-hemen eta aldizkari espezializatuetan artikuluak argitaratuak izatea baloratzen da; artikuluak, ahal dela ingelesez, jakina, euskaraz edo gaztelaniaz publikatzeak ez du berdin balio. Besterik da argitaratzen duzunak irakasten duzunarekin ikustekorik duen edo ez. Hori horrela da. Zer gertatzen da umeak hizkuntza bat –euskara–, "ikasten" duenean, baina hura erabiltzen ez eta harekin jolas egiten ez duenean? Galdetzen didazu zergatik ez duen ume euskaldunak euskaraz egiten edo euskaraz bigarren hizkuntzatzat ikasten duenak zergatik ez duen erabili nahi? Egoera eta arrazoi asko daude, jakina: euskara bigarren hizkuntza dutenen kasuan, erraztasun gutxiago izatea da arrazoia. Aldi berean, hor da hizkuntzaren itzal soziala ere: gaztelaniaz egiteak gehiago balio duela irudituko zaie batzuei, hizkuntzarekiko atxikimendua ere hor da… Horiekin lotuta daude, segueruenez, jokabide batzuk. Nik, esaterako, gorroto dut askoren joera, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara etengabe dabilen hiztuna. Joera areagotu egin da azken hogei urteotan, izugarri areagotu da gazteetan eta ez hain gazteetan. Azkena ospitalean bertan ikusi nuen, ama-alabak, euskaldun peto-petoak, gauzak adierazteko zailtasunik ez zutenak, euskaratik gaztelaniara saltoka joan-etorrian! Nire hipotesi eta gorroto guztiak gorabehera, ondo estudiatuta dago hori hizkuntza minorizatu askotan, eta hizkuntzaren heriotzarekin du zerikusia: hizkuntza nahasketa heriotzaren faseetako bat da, gaixotasun sozialaren seinale da. Hori sendatu behar dugu, eta sendatuko dugu hiztun berriei euskaraz hitz egiteko erraztasun nahikoa ematen badiegu. Zenbat eta gehiago egin euskaraz, orduan eta erraztasun handiagoa izango du ikasleak euskaraz hitz egiteko. Zenbat eta gutxiago egin, orduan eta okerrago, nekezago eta totelago egingo du. Euskaldun zaharren kasuan, hizkuntzari eustea da kontua, hizkuntza bakoitza bere horretan mantentzea, oztopo txikienaren aurrean bestera ez pasatzen ohitzea. Hizkuntza menderatzeko automatismoak behar dira lortu eta, horretarako, esapideak barneratu, memorian gorde. Horretarako, praktika asko berreskuratzea komeni da, adibidez, antzerkia gehiago egin beharko litzateke eskolan. Lehen egiten zen… Orain ere bai, zenbait lekutan, eta Lehen Hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzak asko kezkatzen nau. Mintzatzeko denbora ezarri behar da. Mintzatzeko, planifikatu egin behar da diskurtsoa: zertzuk esango ditugun aldez aurretik erabaki eta ordenatzea. Eskolan ohiturazko egoerak sortu behar dira ikasleak mintzatzeko, mintzatua grabatzeko, analizatzeko. Zenbat eta txikiago diren ikasleak eta hasten garen lan horretan, hobeto. Hitz egiten trebe direnak trebeago izan daitezen lagundu behar ditugu, eta totel direnak trebe izateko bidean jarri, horretan lagundu. Ahozkoa planifikatzea arazo sendoa da, eskolaren antolamendua nahitaezkoa da. Idazten irakasteko, berdin, nola idatzi irakatsi behar da, irakasleak eredu izan behar du, nondik hasten den pentsatzen, nondik idazten, zergatik ezabatzen duen, zein irizpiderekin kritikatzen dugun geuk idatzitakoa… Eta orduak eman behar dira norberak idazten ikasleekin! Eta irakurtzean, berdin, norberak irakurri behar du! Eta ahoz gora pentsatu irakurtzean sortzen diren problemez, ulertze prozesua agerian jarriz, ze umeak ez daki helduak zer egiten duen liburu baten aurrean begiak alde batetik bestera pasatzen dituenean… Gauza asko. Ikastolan hasia lanean baina eskola publikoaren aldeko zara, oroz gain… Eskola publikoa da niretzat inportantea, denontzako eskola hori. Hemen eskola pribatuaren inflazioa dago, eta hori kaltegarria da. Ideologizazioaren eta klasismoaren bidea duzu hori. Gure umeek "gure" klasekoekin, "gure" mailakoekin bakarrik izango dituzte harremanak. Oso ikuspegi klasista eta estua iruditzen zait. Hezkuntzaren helburua izan beharko litzateke gure umeak munduari begiak zabalik begiratzeko prestatzea. Begirada zorrotza eta irekia izateko. Sekulan ez dut ulertu ezkerreko jendeak ere eskola "partikularrak", pribatuak, nahi izatea. Ikastolen publifikazioaren garaian, esate baterako, ez nuen ulertu zelan ustez ezkerrekoa den jendeak euren kontrol peko eskolaren alde egin zuen, "euren" eskolaren alde. Hori ez zait gustatzen. Herria hezteko modu txarra iruditzen zait. Aniztasuna eskolatik dator, txikitandik ikasi behar dugu gu ez bezalakoak direnekin bizitzen. Orain baditugu aukerak, baina aukeraren aurrean ateak itxi eta umeak sailkatzeko joera klasista dago. Hitza horixe da-eta, klasismoa, nahiz eta ez dugun erabiltzen. Ideologia eta klasismo guztien gainetik egon behar du hezkuntzak, harantzago, sakonagoa da kontua. Bestalde, aldiro-aldiro hezkuntza legeak aldatzen ari gara! Agintari bakoitzak nahi du bere zigilua ezarri, bere aldera eraman hezkuntza. Eta horrela ezin daiteke. Eskolak, nire ustez, hortik kanpo egon behar du, printzipio nagusi batzuen azpian, ez besterik. Oraingo eskola publikoaren alde, ordukoaren kontra. Herriko eskola publikoa da, denona, denon erreferente komunak sortzen laguntzen duena. Hor duzu aukera era guztietako jendea ezagutzeko, non bizi zaren jakiteko, elkarrekin bizi izaten ikasteko. Zenbat eta bananduago izan eskolatan, hala egongo gara geroko gizartean ere.  XX. mendearen azken laurdenera arte, ez estatuak ez instituzio publikoek zuten eskola publikoa bultzatu, kasu eta garai gutxi batzuk salbu. Bitartean, eliza eliteaz arduratzen zen. Frankismoak Errepublikako eskola publiko on apurrak suntsitu eta miseria kulturala zabaldu zuen. Gazte ginenean eskola publiko bat denontzakoa eta ona egon izan balitz, huraxe bultzatuko genukeen garai hartan, baina ez zegoen. Ikastolak sortu ziren beste erremediorik ez zegoelako! Gogoratzen naiz, Elorrion, zelan esaten genuen: "Gu izango gara bihar-etzi irakatsi beharko dugunok zelan irakatsi behar den euskaraz!". Baina baita zelan irakatsi beharko zen ere, oro har, irakatsi beharko genuenok. Lan kooperatiboa bultzatzen duen eta ezagutzarako pasioa pizten duen eskola nahi genuen,  ikasleak eskubide demokratikoetan heziko zituena. Etorkizunean denontzat izango zen lana egiten ari ginen. Hori zen gure perspektiba. Egiten ari ginena zabaltzea zen gure asmoa, euskara eskola publikora sartzea eta eskola berriztea. Zer diozu ikastolaren gainean? Ikastolak egoera jakin batean sortu ziren. Frankismo garaikoak, bederen. Bestelako eredu bati erantzun nahirik. Ikastolek pedagogia mailan lan handia egin zuten. Eta, esate baterako, eskola laikoaren bidean beraiek eman zituzten lehenbiziko pausoak. Oso gauza inportantea herri honetan. Ikaragarria da herri honek egin duen aldaketa. Ume nintzelarik familia guztietan zen abade edo erlijiosoren bat. Ohore kontua ere bazen hura. Kristaurik kristauenak ginen Euskal Herrian! Baina oso urte gutxian aldatu zen kontua, eta ikastola askok laizismoaren alde lan handia egin zuten, barruko borroka guztiak gorabehera. Borroka larriak bizi izan ziren ikastoletan, euskara batuaren auziarekin lotuta, bestalde, hatxea eta ez hatxea. Modernotasunaren aldeko borroka ikastoletan egin zen, eta irabazi egin zen. Ikastolen aldekoa naiz, aldi hartako ikastolen aldekoa, behintzat. "Aldi hartako ikastolak", diozu. Ez dut uste gerora ikastolek martxa hari eutsi diotenik. Ikastola askok eremu pribatua aukeratu zuten, eta haien irakasleak ez dira apenas beste sareetakoekin lotu. Sare publikoak eskaintzen duen prestakuntzara orain joaten diren ez dakit, euren bide propioa egin dute, eta zergatik ez esan,  negozio propioa ere bai. Gauza asko esan daitezke hor, argitaletxe eta beste. Niri hori ez zait gustatzen, ez eduki dituzten pribilegioak, ez erakutsi duten konpromiso sozial txikia: zenbat etorkin ikusten duzu ikastoletan? Hori da gaur egun gertatzen ari dena, nahiz eta inork ez duen hau horrela esaten. Baina hor daude datuak… herria hezitzea eta euskalduntzea denon konpromisoa izan beharko luke. Haserre serioa izan dut ikastolekin, eta salaketa publikoa egina naiz, ikastolek zabaldu ziotelako, lau urteko haurrei irakatsiz, ingelesari atea. Ikastolek irakaskuntzaren merkantilizazioan gogor jokatu dute. Horrek izen-abizenak ditu, baditu erantzuleak. Ikusi zutenean euren eremutik kanpo ere euskaraz irakasten ari ginela –bezeroak galduko zituzten beldur edo–, ingelesa sartzen hasi ziren. Duela hogei urte idatzi nuen: "Nola da posible, ordea, ingelesari atea zabaltzea horren goiz eta egoera linguistiko guztietan? Ez, mesedez, ez." Erabili zuten argudiaketa ezin ahulagoa zela, eta euskararen kontra bihurtuko zen jokabidea ikusten nuen. Eta hala izan da. Hortik etorri da Nafarroan UPNk murgiltze ingelesaren zabaltzea euskara ukatzeaz bat. Eta ez bakarrik gurean, PPk laster zabaldu zuen eredua hizkuntza minorizatuko esparrutan. Valentzian hitzaldi baten esan zidaten: "Honen errua zeuek daukazue, zeuok, euskaldunok!". Eta nik: "Euskaldun jakin batzuek daukate errua, ez denok!". Ingelesa... eta euskara? Zer egin da ondo, zer gaizki euskararen irakaskuntzan? Asko inprobisatu behar izan dugu. Badirudi euskaldunok dena nahi dugula, eta momentuan bertan. Horrelakoxeak gara, antza. Nerbioso jartzen gara eta bat-batean nahi dugu dena. "Hiru hizkuntzatan ikasiko dute gure ikasleek!", entzuten dugu, eta haraxe goaz denok prest, noiz, nola, norekin… jakin gabe ere. Ikerketa, gure arloan, irakaskuntzari eta ikaskuntzari lotuta egin behar da, baina hor eten handia dago.  Unibetsitatean eskola zer den ez dakigu, baina hori ez zaio inori ardura, antza. Imajina dezakezu sekulan gaixorik ikusi ez duen edo ospitalean lan egin ez duen medikua unibertsitatean irakasten? Bada, horixe da gurea. Irakasle eskoletan, hizkuntza sailean,  euskara irakastea izan da gure obsesio bakarra urte askoan. Tamalez, jendea euskaraz gehiago zekiela zetorrenean, euskara irakasten segitu genuen, gehiago sakonduz, beharbada, baina ez nagusiki hizkuntzaren didaktika irakasten, hau da, hizkuntza nola irakatsi irakasten. Eta maisu-maistrak prestatzen ditugu. Eurena lan praktikoa da, harremanetan, eginez eraikitzen dena. Irakasleak irakatsi behar duena ondo ezagutu behar du, baina gelako funtzionamendua eta umeen ikaskuntza prozesuaren nondik norakoak ere bai, haien ulerkuntza problemak, tartean gertatzen diren emozioak, hizkuntza aztertzeko eta menderatzeko mekanismoak… Instrukzioa ez ezik, hezkuntza da gurea, eta irakasleok horretaz jakin behar dugu. Baina etena gertatu da, unibertsitateak maisu-maistrak prestatuko dituen irakasleak aukeratzean prestakuntza akademikoa besterik ez baitio eskatzen, ez eskolan esperientziarik izatea, ez alor horretako ikerketarik... Nola zuzendu behar da egoera? Gauza oso inportantea da hezkuntza ikasketei dagokien karreretan ibiliko diren unibertsitateko irakasleak eskola ezagutzea, eskolan egindako ikerkuntza balioestea, lorpen horiek esperimentatzea. Makinekin lan egin gabeko ingeniari gutxi egongo dira unibertsitatean irakasten... Zergatik onartzen da gure arloan praktikarik eza? Akaso edonork balio dezake irakasteko? Janzkera teorikoaz gain, irakaskuntza maila horiek ondotik ezagutzen dituzten profesionalak behar ditugu. Zentzu honetan ikasleen praktikak oso garrantzitsuak dira, baina unibertsitateko irakasle gutxiri interesatzen zaizkio ikerkuntza esparru legez, eta inork ez ditu horretara behartzen, ez bultzatzen. Baina hor dago profesioaren gakoa, praktikan. Baduzu irakasle eskolen gaineko oharrik, han-hemen egina… Irakasle eskolak unibertsitate egin zirenean, ez dakit negozio onik egin ote zen. Garai batean, "Eskola Normalak" esaten zitzaien, normalak ziren, eskolari lotutakoak eta nolabait irakasteko araua markatzen zutenak. Unibertsitate bihurtu zirenez gero, urrundu egin dira eskolatik, irakasleek irakasgaiak irakasten dituzte, baina eskolatik oso urrun kokatuta.  Ez da derrigorrezkoa unibertsitateko irakasleak eskolarekin loturarik izatea, esperientziarik izatea, ikerkuntzak eskolari lotuak izatea. Alde horretatik, urrundu egin da irakasle eskola egiazko irakaskuntza mundutik. Eta, horrela, eskola ez da ikerkuntzatik elikatzen. Nork eskatu behar dio institutuko irakasleari bestela irakastea? Nondik atera parametroak? Nire buruari galdetzen badiot nondik atera dudan azkeneko urteotan ikasitakoa, argi dago: Frantzian, Ingalaterran... Europan, AEBetan eginiko ikerketetan, Kataluniako unibertsitate batzuetan eginikoak. Aldiz, gutxi, tamalez, gure artean egindakotik. Badugu zer hobetu eta zer aztertu. Irakasle eskolako irakasle izana zu, "ez oso optimista". Ez naiz oso optimista, egia esan: gobernuak ere ez du honetan interesik erakutsi. Gauza asko egin litzake. Asma zezakeen eskola eta, batez ere, institutuko irakasleen lana sustatzeko pizgarririk, mintegiak eta praktika onak bultza zitzaten, esperientziez ikertu eta idatz zezaten, adibidez, baina ez du egiten. Are gehiago, badirudi Bigarren Hezkuntzarako Irakasleen Prestakuntzarako Masterrean datozen aldaketak gaiztotuko dutela gaurko egoera. Iruditzen zait, sarean ikasiz, berrikuntzak, eta praktikak, gaurkoak bezain exkax eta kontrol gutxikoak jarraituko dutela izaten. Ez da gaizki pentsatzea unibertsitateak horretan batez ere diru-sarrerari begiratzen diola. Agian, eredu hartuta titulua –praktikan–, diruaren truke ematen duten beste unibertsitate batzuk… Gero eskandalizatuko gara PISA eta ebaluaketen emaitzekin. Eta zein da Hezkuntza Sailaren jarrera gai honetan? Erantzukizun handia bai, baina ardura? Zerbait egin nahi bada, behar da helburuak argi izan, dirua jarri eta jendea prestatu. Irakaslea jomugan dago? Konfiantza soziala behar da irakasleengan eta aldi berean, nolabaiteko presioa eta presioarekin, saria. Modua bilatu behar da bere lanari perspektiba sakona eman diezaioten eta sozialki estimatuta senti daitezen. Irakasleak gehiago ikasteko, aldatzeko, deskubritzeko, proposatzeko eta egiteko aukerak eta bideak izan behako lituzke. Hausnarketa sendoa beharko luke gure irakaskuntza sistemak. Idealki, ikasketa mailarik altuena daukatenak joan beharko lirakete irakasle ikasketak egitera, komunikatzeko gaitasuna eta sentsibilitate sozial handiena daukatenak, ikaslearen beharrak antzemateko gai direnak, haren ikaskuntza prozesua egoki bideratzeko gauza izango direnak, eta ez ikasleari begiratzen ez dakien jendea. Irakaskuntzarako jenderik onena aukera liteke. Egin liteke, baina borondatea eta dirua behar dira horretarako. Diru inbertsioa eskatzen duzu. Unibertsitatearen lan baldintzak izugarri gogortu dira, batez ere irakasle berrientzat. Soldata miserableaz egiten dute lan askok denbora luzean jakin gabe ezagutza esparru horretan jarraitu ahal izango duten. Azken hamarkada honetan, Mundu Bankuak bultzatuta, hezkuntza merkantilizatu egin da maila guztietan. Bakoitza bere heziketaz ardura dadila da konsigna. Unibertsitatean oso ondo igarri da joera hau, baina liberalismoak maila guztietan ezarri nahiko luke,  herriko jendearen kalterako. eta hori, lortutako eskubide demokratikoen etsaia da. Oinarrizko hezkuntzan, diru asko kudeaketa pribatuaren eskuetara doa. Horrek irakurketa soziala ere badu, noski. Gobernuari ez zaio eskola publikoaren aldeko sentsibilitate handirik ikusten. Baina jatorri sozioekonomikoak banandutako hezkuntza sistema areagotuz, hemendik urte batzuetara zatiketa soziala ere areagotuko zaigu, denon kalterako. Hobekuntza sozial handirik ezin espero daiteke aldez aurretik sozialki mailakatutako sistematik atera gabe.
news
argia-79da24ea3cb8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/akhenaton-edo-trump-buruzagiak-beti-jakin-du-ahulenak-nola-erabili.html
Akhenaton edo Trump, buruzagiak beti jakin du ahulenak nola erabili
Pello Zubiria Kamino
2017-06-18 00:00:00
Akhenaton edo Trump, buruzagiak beti jakin du ahulenak nola erabili Erabat egia ez den arren historia ez dela errepikatzen, ez da gezurra ere "Nihil novum sub sole " (Deus berririk ez eguzkipean) esaera zaharra. Giza komunitateetan beti daude bakan batzuk nola edo hala besteei agindu nahi dietenak, botere irrika asetzeko gai direnak erabiltzeko jainkoak, ideiak, hierarkiak, beldurrak eta gorrotoak. Krisiaren izaera ekonomiko eta energiazkoarekin batera buruzagi, nagusi eta tiranoen ezaugarriei erreparatzea komeni da. Arrastoa jarrai dakieke historian barrena. Asko dira oraindik irentsi ezin dutenak Donald Trump bezalako gizon xelebre batek lortu izana munduko inperio nagusiaren lehendakaritza bereganatzea. Pailazoa, astakirtena, munstroa… "Hala ere, geroztik ohartu gara kanpaina burutsua egin duela, hanka sartzeak ere ondo kalkulatuta eginez. Demagogoa, jende ikusezin, baztertu eta desklasatuen buruzagi bilakatu nahi izan du elite agintariaren kontra. Egin duen bideak oroitarazten ditu antzinako tirano greziarrak, Atenasko Pisistrates esaterako, gai zirenak herri xehearen haserrea erabiliz agintearen jabe egiteko". Hitzok AEBetako hauteskundeen biharamunean idatzita daude " Donald Trump, bere orrazkera bitxia eta David erregea " artikuluan. Egilea, Christian-Georges Schwentzel historiagilea, berrikitan plazaratu duena La fabrique des chefs , Buruzagien jitea, estiloa. Antzinako Grezia eta Ekialde Hurbileko historian berezitua, Akhenatonengandik Donald Trumpenganaino pasatu diren agintari ugari erkatu ditu liburuan. Buruzagiak, jefeak, xefak , izan tribuenak, estatuenak edo gerrarienak. Jendarte guztietan botereak liluratzen ditu batzuk betidanik, historiaurrearen akaberatik, Mesopotamian bezala Egipton edo Grezian. XXI. mendean berriro agintari karismatikoen aroan sartu gara, Schwentzelen aburuz, II. Mundu Gerratik landa erregimen autoritarioak hondoratzen ikusi ostean, faxismoa lehenik, geroago sistema sobietarra ere erori zen, Latino Amerika gehienean diktadurak amaitu… Agintari boteretsuen itzultzea hasi zen Vladimir Putinekin 1999an. Gero ikusi dira guregandik hurbilago Victor Orban Hungarian, Erdogan da horien baliokidea Turkian. Trumpen kasura etorrita, azken hamarkadetan AEBetako bizi politikoa elkarren artean banatu duten bi familia aristokratikoei egin die aurre. Lehenik Bushtarrei, errepublikanoen buruzagitzarako lehian Jeb Bush eliminatuz. Akabo Bush III… eta agur Clinton II, Hillary bera klan politiko boteretsu bateko printzesa izaki. Trump bera ere aristokrata da, esan nahi baita aberats handia, baina baztertutako aristokrata, duela 2.500 urte Grezian ugaritutako tiranoak ziren bezala (Atenasko Pisistrates, Korintoko Kipselo...). Denek herri xehearen egonezina erabiliko dute oligarkiaren klan nagusiei gaina hartzeko. Herri xehea establishmentaren aurkako argudioekin jokatuz erabiltzen Vladimir Putin izan da gure garaietan lehena. Jendearen beldurrarekin jokatuz, hasteko. Gizakia funtsean beldurtia da, dio Schwentzelek, eta beldur hori erabiliko dute Mesopotamiako lehenbiziko buruzagiek. Gosetearen beldur baita jendea, xefak bere burua ezartzen du populuaren eta eguraldiaren, ondorioz uztaren eta janariaren, berme diren jainkoen arteko bitartekari. Zer besterik egin dute gaur Trump edo Putinek beren herrikideen ikararekin? Beldurra esku batean, propaganda bestean. "Ez da Machiavelli jaio arte itxaron beharrik makiabelismoa aurkitzeko jendarteetan".  Munduan behin eta berriro ikusi da hauteskunde araututako sistema bat autoritario edo monarkiko bihurtzen. Erroma errepublikarrak estatuaren buru bi gizon zeuzkan, bi kontsul urte beterako hautatuak, hori zen erregetzara ez itzultzeko bermea. Alabaina, kanpotiko mehatxuak irekiko dio bidea buruzagi indartsuak edukitzeko gogoari, Erromaren kasuan barbaroek eta piratek sortutako egonezinak. Kristo Aurreko I. mendean Erromak eduki zuen gaur Turkia den eskualdean, orduan Ponto, Mitridates izeneko errege barbaroa, "garai hartako Bin Laden" dio ironiaz Schwentzelek, milaka erromatar masakratu zituena. Barbaroen presioa, piratak, Mitridates… azkenean Erromak ontzat eman zuen ordura arte politikoki zuzena ez zirudiena, berriro botere osoa uztea gizon bakar baten eskuetan: horra Julius Caesar. Kalparraren mintzoa Txiste asko egin zaio Trumpi bere ilaje itsusiagatik, hozkia ematen duen tupe horiztagatik. Baina elitea –jende xehe haserretu askorekin batera– gorrotatzen duela dioen enpresarioak urguiluz zaintzen du bere orrazkera demasa, goizero harrotuz sprayz, kasko urrekara bat balerama bezala. "Erakutsi nahi du inork ez bezalako kalparra daukala, berezia, marka pertsonala ematen diona, dotorezia bat, hautatua izatearen arrastoa". Karikaturagileek jakingo ez duten arren, Biblian bada norbait kalpar harroak daramatzana Jainkoaren hautatu izatearen markatzat: David, errege-mesias bera inor izatekotan, Goliat makurrarazteko gai. Trumpek orrazkera deigarria bihurtu du fetitxe. Hauteskunde kanpainako mitinetan behin eta berriro errepikatuko du erritoa: entzuleetako bati eskatzen dio igo eta ukitzeko bere ileak, zertifikatzeko ez dela peluka bat. "Frogatu nahi du itsusia bai baina ez dela gezurtia, ez dela hipokrita: jendeak behar zuen gizon probidentziazkoa dela. Haren ilajea autentikoa da, bere hitzak bezala eta Amerikanoei promes egiten die: handitasuna itzuliko diela, urguilua, Make America Great Again (AEBak berriro handi egin) esloganak dioen bezala. "Mundua hondoratzen ari denean, jendeek lider indartsu bat eduki nahi dute, Amerika babesteko gai izango dena" esana du. Trebezia handiz erabili du AEBetako jende gehienek barneratua daramaten kultura judeo-kristauaren pasartea: David versus Goliat. Clintonen kontrako hizkera misoginoa ere subkontziente horretan ondo sartzen da. Azkenean katoliko eta ebanjeliko kontserbadoreen liderren babesa jaso du. Elkarte ebanjeliko indartsuenaren buruak espreski konparatu izan du Trump David erregearekin, beste batek paralelismoa egin zuen batak eta besteak emakumeekin egindako bekatuekin; alegia, Jainkoak usaintzen duela gizon berezien karisma, bere artaldearen artzain izateko hautatuz ahuleziak ere badituzten buruzagi bulartsuak. Karisma diozu? Historia zaharrari bezala gaurko aktualitateari erreparatuta, Schwentzelek ikusten duena da karisma ez dela hainbeste buruzagiaren barnetik ateratzen baizik eta bere aginduetara jarri nahi duten jendeengandik. "Karisma, edertasuna bezala, subjektiboa da. Ez ahaztu karisma eta xarma sustrai bereko hitzak direla. Adoratzaileak dira liderra karismatiko ikusten dutenak. Norbait karismatikoa iruditzen zaizula esatean funtsean diozu maite duzula. Buruzagi izan nahi duenaren aztikeria da karisma daukala erakustea edo erantzun egokia ematea jendearen artean dagoen karisma eskariari". Adolf Hitler ere ez zen berez gizon karismatikoa, baina Alemania umiliatu hartan herritarrek sentitzen zuten halako norbaiten beharra eta une egokian iritsi zen. Berak eman zien irrikaz eskatzen zuten erantzuna.
news
argia-f64fcaf90f7e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/ebay-k-saldutako-lehenengo-gauza.html
eBay-k saldutako lehenengo gauza
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-06-18 00:00:00
eBay-k saldutako lehenengo gauza 1995ean Pierre Omidyar-ek produktuak enkantean saltzeko webgune bat abiarazi zuen Silicon Valleyn (AEB). Guneak orduan AuctionWeb zuen izena, baina eBay da gaur egun, munduko 50 marka baliotsuenetako bat, Forbes aldizkariaren arabera. Enkante gunea probatzeko, laser erakusle bat (argazkian) jarri zuen salgai. Erosi eta bi astera hondatu zitzaion erakuslea, eta iragarkian zioen pilak aldatuta ere ez zebilela. Produktu berria 30 dolarrean erosi zuen Omidyarrek; irteerako prezioa, berriz, dolar batean jarri zuen. Lehen astean ez zen eskaintzarik izan. Bigarren astean hasi zen mugimendua, eta azkenean 14, 83 dolarrean saldu zuen alferrikako erakuslea.
news
argia-3994f4b0496e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/sortzaile-ahantziari-omen.html
Marijane Minaberri, sortzaile ahantziari omen
Onintza Irureta Azkune
2017-06-13 00:00:00
Marijane Minaberri, sortzaile ahantziari omen Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak. Literatura eta feminismoa batzen dituen Sareinak taldeak urteak dira bere buruari esan ziola Marijane Minaberri idazle eta sortzaile isilak omenaldia merezi zuela. Ez zen lehen omenaldia izango, baina Minaberrirekiko ez garela sobera esker onekoak izan sentitzen zuen taldeak. Sareinak pentsakizun horietan  zela hil zen otsailean Minaberri. Konbentzimendu handiagoz, Urepele, Banka eta Alduden 2012az geroztik lanean ari den Adur Euskara Elkartearekin bat egin eta omenaldi xumea antolatu zuten, ekainaren 11n, Alduden. Sanoki aretora hurbildu ziren 30en bat lagun, batzuk Minaberri ederki ezagutu zutenak. Gazteagoak ere baziren, bera baino haren obra oparoa ezagutzen dutenak. Ekitaldian estreinatutako Lekukoak oroitzen erreportajea Bankar sortzailearen lanek harilkatu zuten ekitaldia. Nola ez, kantuz goxatu zen aretoa, Mikel Erramuzpe eta Amaia Gortairuren eskutik, Minaberrik lertxunari idatzitako poesia abestuz. Ondoren, Minaberri beraren hitzak entzuteko aukera izan genuen Kanaldude telebistak 2008an egindako elkarrizketaren bidez. Hor ageri da Gema Lasartek aurkezpenean esan bezala, ahanzturak jan duen emakume handia, bere obraz galdetuta umorez eta apal erantzunez. Josune Muñoz Sareinak taldeko kideak Bankako sortzailearen obra hobeto ezagutzeko parada eman zuen, entzule batzuentzat aski ezaguna, beste batzuentzat ez hain ezaguna. Atalki ezizenez sinatzen zuen idazlearen kalitate handiko lanak azpimarratu zituen, haren obren sonoritatea, haurrentzat egindako lana, eta begirada zabala, antzezlanak, olerkiak, komikiak, ipuinak, landu baitzituen. Berriz ere oholtzara bankarraren lana, oraingoan Gexan Alfaro lagun eta lankidearen ahotsetik. Gorosti landarea ipuina irakurri zuen hark. Ondoren, Kanaldudek 20 minutuz gorako erreportajea eskaini zuen. Pantxika Maitia kazetariak Minaberri ezagutu zuten lau lagunen (Xipri Arbelbide, Itxaro Borda, Aines Dufau eta Luzien Etxezaharreta) testigantzak bildu ditu lanean. Emazte idazleen bidea ireki duenetariko bat moduan aurkeztu ziguten Minaberri, bere lana edonon sartzen zuena. Emakume apal deskribatu zuten, lan isila egin zuena, are bere lana gutxietsi zuen emaztea. Bankar alegera eta umoretsuak altxor bat utzi duela azpimarratu zuten, gorde beharrekoa. Testigantzen bideoak Minaberriren argazki ederra egiten laguntzen du, eta entzule batek esan zuen moduan, "ekitaldia bukatuko da baina lekukotzen bideoa hor izango da betiko". Eta ekitaldia amaitzeko, Hego Euskal Herrian sortzailea ezagutarazi zuen musikariak, Oskorri taldeko Natxo de Felipek, Marijane kanta zan! diskoko bi abesti kantatu zituen. Antolatzaileek, agurtu baino lehen, hamar urte barrurako erronka jo zuten: ea hamarkada bat geroago Bankan baden kaleren bat edo eskolak baduen Marijane Minaberri izena, sortzailearen lan handi eta isila betiko agerian izan dadin. Kanaldude Telebistan ikus daitezke Minaberriri 2008an egindako elkarrizketa eta ekitaldian estreinatutako Lekukoak oroitzen erreportajea. Ekitaldia bera aurki izango da www.kanaldude.tv-n.
news
argia-73f9b7a12a00
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/putakumeak-tiratu.html
Putakumeak, tiratu!
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-06-18 00:00:00
Putakumeak, tiratu! Erroma, 1084. Roberto Guiscard buru zuten tropa normandiarrek Erroma arpilatu zuten, Henrike IV.a enperadoreak preso zeukan Gregorio VII.a aita santua erreskatatzera joan zirenean. Besteak beste, Klemente I.a aita santuaren (K.o. 88-97) omenez eraikitako Letrango San Klemente eliza suntsitu zuten. Laster eraiki zuten – XII. mendean– toki berean gaur egun zutik dirauen basilika, eta XIX. mendearen erdialdean indusketak egin zituzten, denboran atzera ia 2.000 urteko bidaia egiteko: basilikaren azpian, normandiarrek eraitsitako lehen basilika hura topatu zuten, V. mendean, kristautasuna Erromako erlijio ofiziala zenean, eraikitakoa. Baina haren azpian Inperio garaiko egitura bat topatu zuten, I. mendeko etxe pribatu bat, Tito Flavio Klemente kontsul eta martiriarena (garai eta izen berekoa izanagatik, Klemente I.a aita santuarekin nahastu behar ez dena); Tito Flavioren etxean jazarritako kristauak bildu ohi ziren klandestinoki otoitz egiteko. Baina indusketetan topatutako gauzarik harrigarrienetakoa askoz berriagoa zen, normandiarrek basilika suntsitu baino lehentxeago egindakoa: XI. mendeko freskoak. Margolan horietako batek Sisinio patrizioaren eta Klemente I.aren istorioa irudikatzen du. I. mendean kristauak jazartzen zituzten, eta Sisinioren emazte Teodora senarrari ezer esan gabe kristautu zen. Egun batez, Sisinio, emazteari jarraitu ondoren, etxe batean sartu zen eta hantxe aurkitu zituen Teodora eta beste kristau batzuk, Klemente I.arekin otoitzean. Sisinio meza geldiarazten saiatu zen, baina, Jainkoaren esku-hartzea medio, gor eta itsu geratu zen bat-batean, kondairaren arabera. Klemente Sisinioz errukitu zen eta haren jauregira joan zen patrizioa sendatzeko asmoz. Kristauari esker entzumena eta ikusmena berreskuratu arren, Sisiniok kristaua atxilotzeko agindu zien mirabeei. Berriro ere Jainkoak esku hartu zuen eta Sisinioren mirabeek, nahastuta, harrizko zutabe bat atzeman zuten, Klementeren ordez. Eszena irudiz azaltzeaz gain, testua ere badu margolanak. XI. mendean erromatarrek protoitaliera hitz egiten zuten, latin arruntetik eratorria eta egungo italieraren arbasoa. Idatzi, ordea, latinez idazten jarraitzen zuten. Freskoaren azalpenak ere latinez idatzi zituzten, baina azken eszenan herritarren hizkeran jaso zituzten Sisinioren hitzak, komikietako bunbuiloak bailiran. Orain arte idatzita aurkitu diren italiera zaharreko hitzik zaharrenak dira. Carvoncelle, Gosmari eta Albertel zerbitzariak zutabearekin borrokan ari diren bitartean, Sisiniok lehenari hitz egiten dio: "Falite dereto colo palo, Carvoncelle" (Bultzatu zuzen makilaz, Carvoncelle). Eta azken binetan, beste biei ematen die agindua: "Fili dele pute, traite" (Putakumeak, tiratu).
news
argia-62aa25a0f90f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/raimonen-azken-kontzertuak.html
Hainbeste oihu (eta murmurioren bat)
Aritz Galarraga
2017-06-18 00:00:00
Hainbeste oihu (eta murmurioren bat) Raimon musikari valentziarrak eszenatokiak utzi ditu, berrogeita hamar urtetik gorako ibilbide baten ondoren, maiatzean Bartzelonako Palau de la Músican emandako hamabi kontzerturekin. Azken-aurrekoan egoteko aukera izan dugu, eta hauxe da bertan bizi izandakoaren kronika. Ez naiz inoren bizioekin sartuko ni, baina ARGIAko jendearenak benetan arraroak dira: Ramon Pelegero Sanchis, Raimon izenez ezagunagoa (nota bene: azken silaban jarri azentua, inolaz ere ez katalan hiztunen belarrietara arrotz eta grazios egiten gaituen lehenengoan), erretiratuko dela, eta ea joango nintzatekeen azken kontzertuetako batera (ea egunen batean Liberté, Egalité, Beyoncé edo Ariana Granderen kontzertu baten kronika eskatzen didaten). Guztira hamabi azken-kontzertu ziren, ondo, guztiak maiatzean egitekoak, ondo, baina sarrerak urte hasieratik zeuden agortuak, ez hain ondo. Maiatzaren 5ean berean egin nuen saiakera, eta, auskalo norbaitek sarrera itzuli zuelako (edo auskalo hil egin zelako norbait hori), baina sarrera bat, bakarra (oilategian, zer egingo zaio), lortu ahal izan nuen, maiatzaren 27rako. Azken-aurreko kontzerturako. Ez azkenerako, ezin izango diet nire bilobei Raimonen azken kontzertuan izan nintzela esan, baina kronika kobratu, barka, idatzi ahal izango dut behintzat. Eskerrik asko, beraz, sarrera itzuli zuen (edo auskalo hil egin zen) pertsona horri. Ez da lehen aldia, noski, bereziki gustuko ez dudan norbaiten kontzertu batera joaten naizela. Tira, gustuko ez dudan, Raimon ez dut gehiegi jarraitu, egia esan, bere hit-ak ezagutzen ditut, nola ez, baina beti iruditu izan zait kantatu baino oihu egiten duen kantari bat (eta ni gehiago naiz murmurioaren aldekoa), beti iruditu izan zait kantatzen ez zekien kantari bat (eta horrek ez du derrigor ezer esan nahi, begira Fermin Muguruza). Ez da lehen aldia, beraz, baina oraingoan bereziki deseroso nago. Izango da agian kontzertua Palau de la Música ahalguztidunean egingo delako, orain tristeki (akusatuen) lehen lerroan dagoen musika jauregia, guztiok ezagutzen dugun ustelkeria kasuagatik, Felix Millet lehendakari ohia (gaizkile) buru (kuriosoa egiten da, hala, eraikinaren barruan Millet abizena leku batean baino gehiagotan irakurtzea, nahiz jakin Lluis birraitonari egiten diola erreferentzia). Eta deseroso nago, klase borroka edo, hobeki, gutxiagotasun konplexu bategatik, Palau de la Música klase altuko jendeak okupatzen baitu eskuarki, Upper Diagonal esaten zaien horietarik. 35 abesti guztira. Minutu pare bateko esku-zartak. Eta gero etxera: eszenatoki gainean hainbeste oihu jaulki duenak ezin xumeago jaitsi du azkena, 'bona nit i fins sempre' ia entzunezin bat erortzen utzi ondotik Baina izango da Raimon gorriegi zaielako, agian, gandorra uste baino apalxeago duen jendeak betetzen du gaur areto nagusia, guztiak ere jende zintzoa, ordenako jendea, gehienak ere konbergentziaren aldekoak. Kuriosoa, halaber, orain ustez horiek ere independentistak direlako, eta Raimonek inoiz aitortu izan duelako ez dela independentista, gaur egun Kataluniak bizi omen duen prozesu politikoaren gaineko zalantzak adierazteaz batera. Ea nor ausartzen den, ordea, Raimon bezalako ikono bati lezioak ematera, eta publikoak barkatu egiten dio bekatu hori, ahaztu behintzat (azken-aurreko kontzertuan ez, zorionez, baina azken-azkenean in-inde-independència oihukatu omen zuen jendeak; gustura ikusiko nuke zer aurpegi jarri zuen Raimon gizarajoak). Adibidez familia politikoak (BCN en Comú-koek ez, besteak, emaztearenak alegia): kasualitatez, maiatzaren 27rako sarrerak lortuta, abendutik hauek, oin-puntetan iragan dira Raimonen ez-independentismoa aipatu diedanean. Esteladaren bat bada aretoan, nahiz ez den iristen Millet abizena estaltzera. Kontzertua hasi da halako batean, hamarrak justu paseak direnean (beranduegi niretzat, lehen loaldiaren atarian egoten bainaiz ordurako, eta Barsak Alavesi lehen gola sartu ondoren). Abesti niretzat (eta susmoa dut publikoaren zati handi batentzat) erabat ezezagunekin hasi ere, ezagunak nizkion abesti zaharruno, oldarkor, builatsu horiengandik urrun, chanson frantses-napolitarretik gertuago, sorpresa atsegina. Atorra gorria jantzirik, musikari akatsgabeez inguratua (bi gitarra, kontrabaxua, klarinetea), belarri gotorrontzat eztia diren melodiak interpretatzen ditu. Adibidez, XIV. mendeko testu batekin osatua den Elogi dels diners , publikoak bereziki txalotua, auskalo testuinguruak hartara bultzatuta. Kantuek aurrera egin ahala, deskubrimendu bat: Raimonek, kontxo, uste baino hobeki kantatzen du, kantatzean oilarra instituzionalizatu duen kantariak. Oilarrei muzin egin gabe ( peccata minuta, eserlekua oilategian dugunontzat), baina murmuriotik gertuago, oihutik baino. Dantza eta guzti egiten du abestiren batean. Tarteetan hitz gutxi, hori bai, despedida kontzertua izan arren. Araua hautsi du, luze gabe, País Basc abestia aurkezteko (gogoratu: "Tots els colors del verd, Gora Euskadi criden fort" ), esplikatzeko, batetik, 1967an Euskal Herrira egindako bidaia batek zeharo hunkitu zuela, Ez Dok Amairu, Laboa, Lete, Iriondo, Artze anaiak, eta, bestetik, Bilboko jende bat etorri dela kontzertura (Hondarribikorik ez du aipatu). Publikoak beroen txalotu duen abestietako bat iruditu zait (ez dakit zergatik, EAJ-PP akordioaren ondoren, katalan eta euskaldunon arteko harremanak ez baitaude inoizko momenturik gozoenean). Gehienbat diktadura garaiko istorioak kantatuko zituela espero nuen. Beste aurreiritzi bat. Bat gehiago. Ez nekien hainbeste poeta katalan musikatu zituenik, Ausias Marchengadik hasi eta Salvador Espriurenganaino. Ez nekien Victor Jararen Te recuerdo Amanda kantuaren bertsio eder bat, Et recorde Amanda , egin zuenik. Ez nekien Raimonen valentziera euskaldun katalandartu baten belarrietan arazo berezirik gabe sartuko zenik. Bisetan jendea are beroago dago. Jo vinc d'un silenci ( "Qui perd els origens, perd identitat" , txalo), Diguem no ( "Nosaltres no som d'eixe món" , txalo, txalo), hasi bezala bukatzeko, konposatu zuen lehen kantuarekin, Al vent ( "Els ulls al vent, al vent del món" , txalo, txalo, txalo). 35 abesti guztira. Minutu pare bateko esku-zartak. Gero, zintzo, denak etxera. Raimon-zaleak dira guztiak ere, baina oroz gain katalanak. Berrogeita hamar urtetik gorako musika ibilbide bat bukatzeko modu asko izango dira, suposatzen dut. Hauxe da Ramon Pelegero Sanchis, Raimon (oroi azentuazioa) izenez ezagunagoa den musikariak aukeratu duena. 65ak aspaldi pasata, orain hamaika urte hain zuzen, erretiroa hartzeko deliberoa hartu du orain, 1940an Xativan jaiotako musikariak. Eszenatoki gainean hainbeste oihu (eta murmurioren bat, ados) jaulki duenak ezin xumeago jaitsi du azkena, bona nit i fins sempre , gabon eta beti arte ia-ia entzunezin bat erortzen utzi ondotik.
news
argia-bfbef117a82a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/utopiaren-fantasian-oraindik.html
"Utopiaren fantasian", oraindik?
I�aki Martinez De Luna
2017-06-18 00:00:00
"Utopiaren fantasian", oraindik? Mikel Zaratek Utopiaren fantasian liburuxka idatzi zuen 1979an. Horretan Umeen zentzuna ataltxoa dago, egileak berak "komedia barregarri ta (sic.) negargarri" gisa aurkezten duena. Ironia maisuki baliatuz, horretan aurkezten ditu euskaldunen zenbait portaera desegoki. Adibidez, helduek umeei euskaraz egin dezatela esan eta, aldi berean, beraien artean erdaraz dihardutela. XX. mendean idatzitako ipuin horren egoera bera jasotzen du XXI. mendeko Posiktibity kanpainak ere. Ia berrogei urte igaro arren, orduko eta egungo pasadizoen arteko alderik nabarmenena euskarrian datza –liburua versus bideoa–, ez edukian edo esanahietan. Optimista eta pesimistaren arteko lehia gogorarazten du antzekotasun horren balorazioak: "Ez gara atzeraka joan ala ez dugu ezer aurreratu?". Ez bata eta ez bestea, seguru asko. Hamarkadotan lan sendoa egin da. Lortu dugu, hasteko, euskararen gainbehera eten eta –neurri batean– joera iraultzea. Hori izugarria da, izatez. Hizkuntza borroka honetan, burua lubakitik ateratzen hasi gara, baina gorputza zuloan dugu oraindik. Lorpenekin jarraituz, euskalgintza –soziala zein instituzionala– ezagutza soziolinguistikoaz jantzi eta eskarmentuz jabetu da. Mugak eta ezintasunak oraindik ugariak diren arren, euskalgintza gertu dago euskarak, lubakitik atereaz, gizartea konkista dezan. Gizartea konkistatu, bai, hori baita duela berrogei urteko zein gaurko euskararen utopia. Urrats berriak egiten hasiak gara. Adibidez, Egia eredu tankerako ekimenak ugarituz, euskararen erabilera hedatzeko modua aurkitu dugu. Tarra-tarra, bagoaz euskara lubakitik ateratzen. Ekimen horiek baliotsuak direla jakin eta gero, motz gelditzen zaizkigu lekuan lekuko ekimen isolatu gisa. Orain, gakoa da euskararen erabilera gizarte zabalean areagotzea, ez soilik euskalgintzak eragin zuzena duen meneko guneetan, euskaratik lekutan bizi diren herritarrak ere jabetu daitezen hizkuntza horren errealitate eta balioaz. Hori lortzeko, euskalgintza osoaren bulkada sendoa ez ezik, beste eragile sozial askoren laguntza ere beharrezkoa izango da. Bide horretan kokatzen da Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, bi-biak eskutik hartuta, aurkeztu berri duten asmoa: "Euskarak 365 egun: hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria". Ekimen horrek, duen dimentsio erraldoia tarteko, 2018ra arte ez du argia ikusiko. Egitasmo horretara euskalgintzako eta gizarteko eragileak bilduz gero, euskara lubakitik atera eta gizartea konkistatzen hasiko ginateke. Alegia, "utopiaren fantasian" gelditu ez, eta ametsa errealitate bihurtzen hasteko.
news
argia-76961f50c039
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/baratza-zurrunbiloa-eta-aterpea.html
Baratza: zurrunbiloa eta aterpea
Ion Olano
2017-06-18 00:00:00
Baratza: zurrunbiloa eta aterpea Bada Gasteizen sormen lantegi berezi bat arte eszenikoei begira, ortu izena duena. Neba-arreben harremanetik abiatuta, hiru urtetik gora darama zabalik, korapiloak elkarlotuz eta askatuz etengabe. Biraka jarri da aurten bigarrenez Baratza espazioaren Zurrunbilo jaialdia, aterpe emanez euskarazko antzerki berria bilatzen duten ikusle eta sortzaileei. Ekainaren 1ean zabaldu zen zirimola Oihaneder Euskararen Etxean , Miren Tirapuk idatzi eta antzeztutako Atte hil aurretik lanarekin; Muskulo musika taldeak eman zion itxiera, hilaren 4an, Baratzan bertan. Kontzertu berezi hartan, ezustean, Oier Guillan antzerkilaria igo zen oholtzara, egunaren zirimolan sortutako poema errezitatzera: "Ez dadila izan arnasa / tentaldien erreka lehor bat / harrotu daitezela gure gorputzean zurrun biloak". Bien bitartean, proposamen eta bizipen ugari kiribildu dira aurtengo jaialdian. Aipatuez gain, honako hauek: Parasite kolektiboaren Jadanik hilda , dantza garaikide lan intimoa; Ixiar Rozas eta Maite Arroitajauregiren Plastika , ahots eta hots emanaldi jolastia; Hiroshimako zuhaitza , Kabia Teatro konpainiaren pieza hunkigarria; Karramarroa , Eneritz Artetxeren bakarrizketa lehergarria; eta Mr. Señora , Metrokoadroka Sormen Laborategiaren antimanifestu polifonikoa. Eszenan aipatzekoa izan da, nabarmen, emakume ahotsen kolore aniztasuna eta, bereziki, antzezlanen kalitatea. Bai, jakina: ikuslego aldetik sumatu da, ezinbestean, hiriko gaurkotasunak hizki larriz idatzitako izena, Errekaleor, eta haren aldeko mobilizazioen eragina. Edonola ere, Zurrunbilora hurbildu garenok izan dugu parada, ezohikoa (tamalez), euskarazko arte eszenikoen mailaz eta ugaritasunaz sano gozatzeko. Antolatzaileek diotenez, Baratzaren hastapenetan, hilero programatzen zuten asteburu bat; oso zaila zen, halere, ikuslegoa biltzea, bereziki euskarazko antzezlanetan. Hortaz, iazko Zurrunbilo izan zen estreinako saiakera, nolabait, euskal sortzaileen proposamenak bateratu eta ikusgarritasun handiagoa lortzeko. Baratzako Garazi eta Unai Lopez de Armentia neba-arrebek, behintzat, bazuten horretarako gogoa. Honela dio Unaik: "Gasteizen sortzaile asko dago euskaraz lan egin dezakeena, baina momentuz ez da ikusten horretarako merkaturik, ezta ohiturarik ere. Ordea, hasten bagara konturatzen eta erakusten zenbat gauza eder egiten ari diren antzerkian euskaraz… Ez bakarrik ikusleei, agian hemengo sortzaileei ere ikuspegia zabalduko zaie, emango die bultzada euskaraz lan egiteko. Akaso, ohartuko gara badagoela euskal antzerki sare bat, badirela zirkuituak eta, zergatik ez, egon daitekeela merkatu bat". Euskal sortzaileen lanak bateratu eta ikusgarritasun handiagoa ematea izan da Zurrunbilo jaialdiaren helburuetako bat (argazkiak: Marina Suarez Ortiz de Zarate). Beren ibilbidean, bederen, mugarria ikusten du Garazik ere ziklo berrietan: "Hasieran, espazioa ezagutzera emateko, mantendu behar genuen hileroko programazioaren erritmo bizi hori, nahiz eta gure osasunaren kalterako izan. Baina orain, gure bizitza artistikoei arreta handiagoa jartzen hasi garenean, lagungarria zaigu programazioa ziklotan banatzea". Hala, jaialdi horrez gain badute, esaterako, Bertako Fest (Baratzan egindako erresidentzia lanak eta ingurukoak erakusteko), baita beste zenbait ekimen ere. "Izan ere, espazio hau sortzeko gure beharrik handiena", dio Garazik, "gure lana egiten jarraitu ahal izatea zen". Elikatu eta irentsi Badu kantu bat Dut taldeak, Zurrunbilo , jaialdiaren izen bera duena. Une batean, honela diote hitzek: "Gaur elikatzen duzun zurrunbiloak bihar irentsiko zaitu". Bistan da, kalterako bezalaxe, onerako ere balio duela aipu horrek. Izatez, askotan ez da argi ikusten norabidea, ezta biderik ba ote den ere. Honela dio Unaik: "Niretzat, hasieran, Baratzan lan egitea izan zen itsasontzi bat atzetik bultzatzea bezala. Ez genekien nora zihoan ere, eta gainera, bultza egin behar genuen. Orain, ordea, iruditzen zait ontzi gainean goazela eta, gainera, gidatzen". Garazi Lopez de Armentia: "Espazio hau sortzeko gure beharrik handiena gure lana egiten jarraitu ahal izatea zen" Bide zurrunbilotsua eta luzea egin du ontziak, dagoen punturaino heltzeko. Lopez de Armentiatarren neba zaharrak, esaterako, Euskal Herria utzi eta Ingalaterrara jo zuen gaztetan. Han hasi zen apurka antzerkia serioski lantzen eta, ibilian-ibilian, hiru konpainiarekin Europan barrena ibiltzera heldu zen. Bitartean, Garazi dantza munduan sakon murgildu eta Bartzelonan ibili zen, besteak beste, Moreno Bernardi koreografoarekin lanean. Biek ala biek, hala ere, herrira itzultzeko gogoa zuten. Antzerki tailer ireki batean elkartu ziren Frantzian, eta hamar urtez bereizita egon ondoren, harremanaren lotura berreskuratu eta sendotzen hasi ziren neba-arreba arabarrak. Bueltarako asmoa, berez, antzerki konpainia bat sortzea zen: Parasite kolektiboa (Hannah Frances Whelan eta David Alcortarekin batera). Ondoren, espazio bat behar zuten konpainiarentzat, eta premia horretatik sortu zen Baratza. Izena hautatzeko, bi arrazoi aipatzen dituzte: batetik, begien bistakoa, lur landua adierazten du, elikatzen duena; bestetik, Gasteizko Olabide ikastolaren hastapenetan sortu zen ohitura bat dago, jolas-tokiari "baratze" deitzekoa. "Horrexegatik", dio Unaik, "gure entrenamenduetan egin behar den lehenengo gauza da maskara guztiak kentzea, ume batek bezala jolastu ahal izateko". Berebiziko gorabeherak igaro ondoren, 2013ko hondarretan zabaldu zuten Baratza, eta 2014 hasieran jarri zuten martxan. Hasi-hasieratik, aktibitatearen erdigunean egon da sormen laborategia: "Hori da gure proiektuaren bizkar-hezurra", dio Garazik. Hain zuzen, beren sormen lana eguneroko entrenamendutik abiatzen dute, gorputzen elkarreraginen ikerketatik eta esperimentaziotik. Horrez gain, Unaik azpimarratu du garrantzitsua dela konpainia batek izatea espazioaren ardura, eta ez erakundeek: "Gu kalean gaude, harreman zuzena dugu ikusleekin, eragileekin eta artistekin; horregatik, azkarrago egokitu gaitezke behar berrietara". Amaierarik gabeko hasiera Berez, ikuslegoa ohituta dago proiektu bukatuekin. "Guri, ordea, prozesu osoa ikusgarri egitea interesatzen zaigu: lurra mugitu, landu, landatu, ureztatu… eta jakina, uzta bildu. Hori ere gustatzen zaigu". Baratzan, horretarako, badituzte bi areto (bata handia, Kuia; bestea txikia, Kuiatxo). Sarrerako espazioari ere etekina ateratzen diote, Atari ekimena dela medio. Marina Suarez Ortiz de Zarate antzerkilaria da horren arduraduna. Hilero, ostiral batez, askotariko artisten proposamenak erakusten dituzte espazioaren araberako formatuetan; gainera, hilabetez geratzen da bertan arte plastikoen erakusketa. Unai Lopez de Armentia: "Gu kalean gaude, harreman zuzena dugu ikusleekin, eragileekin eta artistekin; horregatik, azkarrago egokitu gaitezke behar berrietara" "Buruan bueltaka izaten duzu ideia, merezi duen edo ez, zertarako egiten dugun egiten duguna", dio Marinak. "Baina uste dut garrantzitsua dela hemen gertatzen dena. Lana da, noski, baina baditu bi alde: bata gogorra, eta bestea, oso esker onekoa". Izan ere, ikusten du denbora gutxian gauza asko egin direla, eta horiek eragina izan dutela inguruan: "Gauzak gertatzen dira, jendeak horri buruz hitz egiten du, ikusten da zerbait dagoela pil-pilean. Horrelako espazioak beharrezkoak dira; jendeak behar ditu". Bada adierazgarria, zentzu horretan, Baratzako sormen laborategian dabilen Gontzal Uribe antzezlearen iritzia: "Hemen aritzeak gauza piloa eman dit: hasteko, sormena ulertzeko modu berri bat, lan jarraian oinarrituta". Bere esanetan, ikasleak hasten dira norbere gorputzean lur hartzen, arnasaren bidez kanpoa eta barrua harremantzen, eta apurka-apurka, egunerokoan eransten ditugun geruzak erauzten. "Azkenean, gainetik kendu behar duzu zure pertsona soziala, eta beste leku batzuetan bilatzen hasi. Hori da abiapuntua. Gero, talde-entzumena landuz, bestelako komunikazioa sortzen da, oso sortzailea eta interesgarria". Bukatzeko, hain justu, galdetu diot ea zer landu nahi duen bere sormen ibilbidean: "Niri interesatzen zaidana ez da hainbeste zer landu, baizik eta norekin lan egin. Uste dut norbanako moduan sor dezakeguna mugatua dela, baina beste batzuekin elkartzean, nolabait, mugarik gabeko konbinazioak sortzen direla. Zuk beti izango dituzu zure mugak, baina beste norbaitek apurtuko dizkizu, eta zeuk harenak. Elkar elikatze horretan sortzen dira gauzarik interesgarrienak. Putzu bat bezalakoa da, amaierarik ez duena".
news
argia-590b548ec7d3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/sare-sozialak.html
30.000 esker
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-06-18 00:00:00
30.000 esker Sare sozialek markatzen diguten egunerokotasuneko abiadura bezain bizian doaz ARGIAko sare sozialetako jarraitzaileen kopuruak gora. 30.000ra iritsi gara asteotan Twitterren. Eta lerro hauetan ospakizun txikia egiteko eskatu didate. Aitzakia hori hartu dugu ARGIAk mundu honetan dituen mugimenduei erreparatzeko. Zein momentutan erabakitzen du hedabide honek sare sozialen zurrunbilo geroz eta indartsuago honetan muturra sartzea? Euskal hedabideen artean lehenengotakoa izan zen etxe hau mundu birtual horretan proba egiten. Zergatik? Batez ere galtzeko gutxi eta irabazteko asko zegoela uste zelako, eta aukera ikusten zelako webguneari falta zitzaion bultzadatxoa bide horretatik etortzeko. Azken datuen arabera ARGIA euskal hedabideek amaraun hauetan betetzen duten espazioen artean oso leku onean agertzen da eta audientziarik handienetakoa du. Mugimendu handia du sarean eta bertxio eta elkarbanatze asko izaten dira batean eta bestean. Eta Twiterrez aparte? Facebooken 20.000 jarraitzailera heltzear da komunikabidea, baina Twitterren baino 10.000 lagun gutxiago baditu ere, hemen izaten da saltsarik handiena eta argia.eus webgunera bertatik iristen dira sarrera gehien. Telegramen berriz, 750 lagun inguru biltzen ditu ARGIAren komunitateak, baina besteekin alderatuta zifra asko jaisten bada ere, kontuan izan behar da Euskal Herriko hedabideetan komunitate handiena daukagula, eta zer esanik ez euskarazko komunitateez hitz egiten badugu. Instagram da eman den azken saltoa, eta 2.000 jarraitzaile inguru biltzen dira hemen. Sare sozialetarako ARGIAk badu bere estrategia. Kazetari bakoitzak du bere kontu pertsonala eta bertan jorratzen ditu bere intereseko gaiak. Baina horrez gain, ARGIAren kontu guztietarako denok ditugu gakoak eta denon artean ateratzen da aurrera. Asko hitz egin da, dena dela ere, multinazional batzuen jokoetan ari garela etengabe, eta kontziente izan behar dugula gure materiala ezin dugula beren esku bakarrik utzi. Dena gorde behar dugu. Zer gertatuko litzateke egun batean sareak itxi eta sartzeko ordaindu egin beharko bagenu? Tresna oso eraginkorrak dira informazioa zabaldu eta jasotzeko, baliagarriak gure edukiak zabaltzeko, baina noren eskuetan gauden ahaztu ez dugu egin behar.
news
argia-7b17e35600cd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/koldo-zuazo-hizkuntzalaria.html
"Hainbeste berbeta egoteak esan nahi du herri hau ez dela kohesionatuta egon"
Dabi Piedra
2017-06-18 00:00:00
"Hainbeste berbeta egoteak esan nahi du herri hau ez dela kohesionatuta egon" Mendebaleko euskara liburua, Euskal Herriko sartaldeko euskalkiaren gaur egungo argazki zehatza plazaratu berri du Koldo Zuazo (Eibar, 1956) hizkuntzalari eta irakasleak. Azpieuskalkien eta aldaeren sailkapena dakar lan berriak, baita hiztegitxoa ere. Irakurtzeko eta ikusteko liburua da, 95 mapa baitakartza: herriz herriko berezitasunak ezagutu nahi dituenarentzat, harribitxia. Mugarria da lan hau autorearen ibilbide luzean, baina ez da helmuga, beste euskalkiak zain baititu. 1989an hasi zinen Mendebaleko euskara aztertzen, Araban hasita. Gasteizen lanean hasi nintzenez jakinmina nuen. Gainera, alderdi politiko bat agertu zen, Unidad Alavesa. Haiek zioten euskara ez zela Arabako hizkuntza autoktonoa, Gipuzkoatik eta Bizkaitik eramandakoa baizik. Beraz, ikertzen hasi nintzen. Garai hartan hiru izkribu baino ez zeuden eta bazegoen pertsona oso inportante bat, Gerardo Lopez de Gereñu. Araba osoko toponimia batu zuen eta, gainera, Voces alavesas hiztegian Araba osoko hitzak sartu zituen. Hortik Arrasate eta Oñati aldera jo nuen, Goierrin ere aritu nintzen, eta Nafarroako Burundan. Bestetik, Bizkaiko euskara beti izan da neure-neurea, guraso biak bizkaitarrak ditut, aspalditik bizi naiz Bilbon. Baina, egia esan, Arabakoa sakon ezagutu arte ez zitzaidan Bizkaikoari begiratzeko gogorik piztu. Gero bai, deskubritzen joan naiz Uribe Kostako hizkera berezia, Orozko aldekoa ere interesgarria da... Eta 28 urteko lanaren emaitza esku artean dugu: Mendebaleko euskara eta haren barruko hizkerak xehe-xehe azalduta. Bada zerbait. Lan handia dago honen atzean, bai. Astiro-astiro egin behar den lana da, leku batera joan, gero beste batera... Errazagoa izan da lagundu didan jende guztiari esker, asko nire ikasle izandakoak dira. Borondate itzela dute, haiek gabe ezin da honelako liburu bat egin. Nahia Granderen laguntza ere aipatu nahi nuke, mapak hark marraztu ditu. Mendebaleko euskara da izenburua. Bizkaiera esatea baino egokiagoa da? Kontuan izan behar da euskalki honetako ezaugarri asko Mendebalde guztikoak direla. Bizkaian erabiltzen dira, baina Araban ere bai, Deba ibarrean... kasu batzuetan Urola bailaran eta Burundan. Hiztegi batean ikusten badut izara bizkaiera dela, ez zait zehatza begitantzen. Berba horren eremua Bizkaia baino askoz zabalagoa da, gauza bera zapatu, indaba eta beste hainbatekin ere. Bestetik, egia da Arabako euskara amaituta zegoela 16. menderako, ia hilda. Aldi berean, Bizkaian hasita zeuden herri handiak sortzen eta ikusten da Bizkaiko euskarak hartu zuela nortasun bat. Ezaugarri batzuk Bizkaian bakarrik gertatzen dira, adibidez, dinot, dinozu eta halakoak. Beti esan izan da Mendebaleko euskara bereziena dela, nortasun handikoa. Horrek badu alde txarra? Nik uste dut Euskal Herri txiki honetan hainbeste berbeta egotea seinale txarra dela. Esan nahi du herri hau ez dela kohesionatuta egon, azken finean ez dugu herri erakunderik zazpi herrialdeak hartzen dituena. Horrez gain, gogoan izan behar da euskara lehen ez zela eskoletan erabiltzen, idatziz ere gutxi. Beste euskalkiekin alderatuta horren desberdina da Mendebalekoa? Baieztapen horrek badu alderdi objektibo bat, bai. Gertatzen dena da, askotan jendea kostako herriak ezagutzera etortzen dela, Ondarroa, Lekeitio edo Bermeo, eta horiek dira berezienak. Etortzen dira eta ez dute ezer ulertzen. Jakina, egun batzuk gehiago geratuko balira ulertuko lukete. Hizkera bereziak dira, baina ez hainbeste. Araba euskalduna zenean ez dut uste halako etenik zegoenik euskararen barruan. Arabak egiten zuen lotura eta orain puzzlearen pieza hori falta zaigu. Nola ikusten duzu herriz herriko hizkeren etorkizuna? Bizkaian nahikoa txarto. Ni euskara batuaren aldekoa naiz, egin dugun gauzarik onena dela uste dut. Baina euskara batua sartzeko modua ez dut uste egokia izan denik. Batzuek euskara onarekin identifikatu dute eta batua ez dena badirudi txarto dagoela. Batek esaten du artzai eta badirudi artzain behar duela, eta zer da kontua? Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban ehunka urtean artzai esan dutela. Gauza bat da baturako artzain hobetsi dela, baina ez du esan nahi bestea okerra denik. Kontrako arazoa ere ikusten dut, alegia, batzuek leku guztietan erabiltzen dute euskalkia, beren etxean baleude bezala, baina telebistan edo publiko zabal baten aurrean batura jo behar dugu. Gaur egun erraztasun handiagoa dago herri batetik bestera mugitzeko eta komunikabideak hobeak dira. Horrek herrietako hizkerei eragingo die? Bai, euskalkiak berdinduz joango dira, eta ondo dago. Baina berdintze hori modu naturalean gauzatu beharko da, eta ez lau urterekin eskolan esaten dizutelako martitzena ez dela esan behar, asteartea dela. 2017an argitaratu da Mendebaleko euskalkiaren ezaugarriak deskribatzen dituen lana. Berandu gabiltza euskaldunok gure dialektoak ezagutzeko zereginean? Berandu gabiltza, bai. Bonapartek egin zuen ahalegina, baina bere helburua mapa egitea zen, ezaugarri zehatzetan sartu gabe. Esaterako, gipuzkera eta bizkaiera bereizteko datu bakarra erabili zuen, dot edo det esaten den. Bonaparteri txalo jo behar diogu, baina haren ondorengook alfer ibili gara. Herri jakinetako hizkerak bai, ikertu izan dira, lan batzuk oso onak dira, baina Mendebal osoko azterlanik ez da egon. Zergatik hutsune hori? Tira, diktadura luze bat izan dugu eta unibertsitaterik ez da egon oraintsura arte. Bestalde, asko begiratu diogu iraganari, dela toponimia, dela abizenak edo euskararen jatorria. Hizkuntza aurrera atera behar badugu, orain daukaguna ezagutzea da aurrena. Konplexuak ere sumatzen ditut, beharbada jartzen gara 17. mendera begira, Axular, Leizarraga eta horiek goraipatzen, baina gaurkoari ere heldu behar diogu. Bonaparteren mapa gaurkotu zenuen arte ia mende eta erdi igaro zen. Zure mapek hainbeste urte iraungo dute? Bonaparteren mapa beti izango da lekukotasun historiko bat, halako mapa ederrik ez dut ikusi munduan. Gertatzen dena da hizkuntzak aldatu egiten direla eta noizean behin argazkiak atera behar zaizkiela. Nire mapak ere lekukotasun bat baino ez dira, 21. mendearen hasieran euskara nola dagoen. Honek zenbat iraungo duen? Nahikoa gutxi, orain bizimodua lasterrago doa. Jendeak esaten dit Bonaparteren etsaia naizela, eta kontrakoa da, nik ikusten dudalako haren lana zein zaila izan zen. Gaur egungo baliabide guztiekin, urte mordoa behar izan dut liburu hau egiteko eta Bonapartek mapa bikaina egin zuen Londresen jaioa eta erdalduna izanda, hori meritu itzela da.
news
argia-e104a9c17c4c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/familia-giroan.html
Familia giroan
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-06-18 00:00:00
Familia giroan Ez da hau familian sortutako piano bikote bakarra Errusian: Emil Guilels eta bere alaba Elena, edo Dimitri Baxkirov eta Elena Baxkirova adibide onak dira esateko talentua geneen bidez transmititzen dela (eta, ematen duenez, Errusian gehiago gertatzen da). Kasu honetan, Vladimir Ashkenazy piano jole eta orkestra zuzendari ospetsua Kursaal Auditorioan izan dugu bere seme Vovkarekin batera, eta emaitza eraginkorra izan zen, besterik gabe. Pianista onak dira, dudarik gabe. Vladimirrek, ia-ia laurogei urterekin (uztailean egingo ditu), bere dohainei eusten die: soinu ederra, doitasuna, teknika segurua… Eta Vovkak badu fintasun berezi bat eta pultsazio neurtu eta biribila. Errezitaldi ona eman zuten, baina inolako magiarik gabea. Konplikatua izan zen haien arteko bolumenak orekatzea behin eta berriro. Orokorrean, planoa geratu zen interpretazioa dinamikaren aldetik eta, laburbilduz, exekuzio bikaina entzun genuen baina, zoritxarrez, zurbila. Franz Schuberten Dibertimento hungariarra, op. 54 D. 818 ez da konpositorearen obra distiratsuena, egia esan, baina lan egokia izan zen bi bakarlariak giroan sartzeko. Doi-doia entzun genuen, tinbrika polita erakutsiz. Jarraian, hain ezaguna den Moldava ibaiak , Smetanaren Nire aberria poema sinfonikoen sortakoak, ez zuen distira nahikoa izan. Ondo akoplatu ziren bi musikariak, soinu efektu politak lortu zituzten, baina, lehen esan bezala, dinamika planoa izan zen, eta adore pixka bat falta izan zitzaion interpretazioari. Bigarren zatian ñabardura gehiago sumatu genituen. Maurice Ravelen Rapsodia espainiarra , bi pianotarako, graziaduna entzun genuen, erritmikoa, aurreko obretan baino naturaltasun handiagoarekin. Eta, dudarik gabe, beren onena Ratxmaninovekin atera zuten. Konpositore honen 1. Suitea, op. 5. Fantaisie-tableaux bi pianotarako obran malgutasun eta freskotasun gehiago azaldu zituzten. Nahiz eta errezitalaren titulua Ashkenazy-tarrak eta musika errusiarra izan, hauxe izan zen jo zuten obra errusiar bakarra, eta honetan bai sentitu genuela familia honen talentua. Bis bezala, Glinkaren pieza bat jo zuten, orkestrarako egina eta Glazunovek pianorako moldatua. Hau bai, primeran atera zen.
news
argia-5d19386c23c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/aldaketari-beldurra-katalunian-ere-bai.html
Aldaketari beldurra, Katalunian ere bai
Asier Blas Mendoza
2017-06-18 00:00:00
Aldaketari beldurra, Katalunian ere bai Mendebaldearen gainbeherak aurpegi asko ditu. Horietako bat da ezker hegemonikoak azken hamarkadatan eman duen espektakulu tamalgarria, inperialismoaren eta neoliberalismoaren ezkutari progrea bilakatuz. Baina, krisiaren errautsetatik bestelako ezker berri baten agerpenak ilusioa piztu zuen bazter batzuetan. Ondoren, frustrazioak iritsi ziren. Ezker berri horrek gobernua lortu du Grezian, baina gauzak aldatu baino, herstura ekonomikoen bidea sakontzen jarraitu du. Horregatik, epe motz eta ertainean zaila da irudikatzea ezker eraldatzailearen arrakastarik Lehen Mundu dekadentean. Ezkerraren ezinaren ardura ez dago bakarrik maila politikoan, arazoak dituen sustraiak sakonagoak dira. Mendebaldeko jendarteak oso kontserbadoreak dira. Maiz entzun dugu akomodatuak direla, baina ez, ez da nahastu behar erosotasun ekonomikoa eta kontsumo maila altua. Geroz eta jende gehiagok ditu estutasun ekonomikoak edota ematen dituen lanaldi luzeak ezin dira definitu bizitza eroso baten parte bezala. Halere, jendea kontsumismora besarkatua bizi da, populazioa zaharkitua dago eta, oro har, gehiengoak Stockholmeko sindromearen antzeko zer edo zer bizi du, horregatik, benetako aldaketari beldurra dio. Independentzia aldarrikapenaren hurrengo egunerako teknikoki dena omen dute prest katalanek, baina prest ez dutena da herritar gehiengoaren psikologia. Sektore batzuk (bereziki enpresarien artetik) dagoeneko agertu dira esanez ez daudela prest mina sufritzeko, aldiz beste askok ezin du imajinatu ere horrelako prozesu batek epe motzean sortu dezakeen mina Benetako aldaketak mina suposatzen du. Unean uneko mina da, nahiz eta etorkizunerako hobea izan daitekeen, baina ez dago aldaketarik modu bateko edo besteko minik gabe. Berriz, mendebaldeko ezker moderatuak edo eraldatzaileak egun saltzen duena da minik gabeko aldaketa. Botoa eman, hauteskundeak irabazi, egungo politika ekonomikoak ñabartu eta dena etorriko omen da bere onera. Greziako Syriza alderdiak hori bera egin nahi izan zuen, politika sozialak lehenetsiz, interes orokorra beste edozein interesen gainetik jarriz, baina sistema ekonomikoa aldatu gabe. Ordea, populazioa mina sufritzeko prest egon ezean hori ilusio bat izan zen, adibidez, euroa utziaz edo uzteko benetako saiakera bat eginez, Europar Batasuna eta Alemania derrigortzeko benetan negoziatzera. Horrek epe motzean mina sortuko zukeen, baina epe luzera greziar ekonomia eta herriarentzat onuragarria izango zen. Syrizak esan du hori ez dela greziarrek nahi dutena eta beraz, inoizko murrizketa eta politika neoliberalen aplikazio bortitzena egiten ari da euroan gelditzearen truke. Gurean, bertsio hori ere ikusi dugu eta ikusten dugu egunero. Irribarre egin, koloreak hemendik eta handik, konfetiak eta giro ona, hauekin, baina batez ere botoarekin, helburuak erdietsiko direla sinetsarazi nahi zaie herritarrei. Katalunian antzeko sindromea bizi dute, sezesio prozesuak antolakuntza, sormen eta abilezia gaitasun handiak erakutsi ditu, baina bi gabezi eta arazo handi bat ditu: alde batetik, azkeneko hauteskundeen ostetik lidergo eta gehiengo argi baten falta ditu; bestalde batetik, aldaketa-mina binomioa ez da landu. Independentzia aldarrikapenaren hurrengo egunerako teknikoki dena omen dute prest katalanek, baina ez dutena prest da herritar gehiengoaren psikologia. Sektore batzuk (bereziki enpresarien artetik) dagoeneko agertu dira esanez ez daudela prest mina sufritzeko, aldiz beste askok ezin du imajinatu ere horrelako prozesu batek epe motzean sortu dezakeen mina. Aldebakarreko edozein independentzia prozesuak mina sortu du epe motzean, era atseginagoan esanahi badugu deserosotasunak sufritu dituzte herritarrek. Ekonomia gaixotzen da; nazioarteko aitorpenik gabe sistema finantzarioa aldrebestu eta kaltetzen da; soldatek bera egin ohi dute, produktuen prezioek gora egiten duten artean; eta abar. Antzeko egoerak sufritzeko prest egongo dira katalan independentistak? Orain arte iragarritako datak bete ez izanak eta prozesuaren atzerapenak garbi uzten dute mina saihesteko nahia, garaituko al du beldurrak?
news
argia-da09a53e8358
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/naia-del-castillo.html
Argazki bidezko eskultura
Xabier Gantzarain
2017-06-18 00:00:00
Argazki bidezko eskultura Euskal Herriko artista gehienei gertatu ohi zaien bezala, mundu zabaleko museo eta galerietan bueltaka ibiliagatik, bertan ez da oso ezaguna Naia del Castillo Aira (Bilbo, 1975eko uztailaren 17a). 2002an Okzitaniako Tolosan egiten den Le Printemps de Septembre festibalaren katalogoko azalerako bere lana hautatu zuten, Bulego orduak , eta Le Monde egunkarian atera zen gero. "Harrapatuta" sailekoa da, Espazio domestikoa - Etxeko lanak hau bezala. Zu eta ni gaude egunerokotasunak harrapatuta, bere biolentzia krudelak, bere zentzurik ezak, bere inertzia motelak, bere zoriontasun gezak Sail honetako lanetan, konstante bat da bere jardunean, zeinuak erakusten ditu artistak, baina gizakiak haiekin duen harremanean jarriz arreta, pertsonak dira protagonista, pertsonak daude harrapatuta, zu eta ni gaude egunerokotasunak harrapatuta, bere biolentzia krudelak, bere zentzurik ezak, bere inertzia motelak, bere zoriontasun gezak. Sail honetan etxeaz ari da galdezka artista batik bat, leku gozo bezain arrotz horretaz, babesten eta zanpatzen gaituen espazioaz. Artistaren hitzetan: "Funtzioak definitutako espazio pilaketa bat da funtsean espazio domestikoa. Jangela dago jateko, logela dago lotarako, sukaldea kozinatzeko... Espazio horien premisen arabera mugitzen gara etxean. Eta horrek sortzen dit galdera: zenbateraino gara espazio horren jabe, eta zenbateraino da berak ezarritakoaren arabera jokatzera behartzen gaituen espazio hori gure jabe?". Nork ematen dio forma nori? Jendeak ematen dio forma etxeari, ala alderantziz da? Gorputzak ematen dio forma jantziari, ala alderantziz da? Geuk ematen diogu forma geure bizitzari, ala alderantziz da? Orain arte "emakumearenak" izan diren espazio eta lanak hartu zituen artistak sail honetan oinarri; lan honen izenburua espainolez dago jatorrian: Espacio doméstico - Labores . Izenburuak berehala zaramatza erreferentzia mundu jakin batera.
news
argia-0ab7872dbb94
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/irunerriko-erraietatik-datoz-hiri-baratzeak.html
Iru�erriko erraietatik datoz hiri baratzeak
Xabier Letona
2017-06-18 00:00:00
Iru�erriko erraietatik datoz hiri baratzeak Munduan gero eta herritar gehiago doa landa girotik hirietara bizitzera. 2050erako 6.300 milioi pertsona hirietan biziko direla aurreikusten da –gaur egun 3.600 milioi bizi dira–. Eta munduko hirietan nekez egon da inoiz hain banaketa handia pertsona eta naturaren artean. Erantzun gisa, hirietako sustraietatik baratzegintza dator. Krisi sistemiko eta ekologikoaren muinean beti da lekurik esperantza ernetzeko, eta porlanaren oihanean, horietako bat da hiri-baratzea edo baratze komunitarioa. Munduko hiri askotan gero eta errealitate indartsuagoa da ortua, eta Euskal Herrian ere bai. Azken hamarkadan perretxikoen antzera sortu dira baratzeak gure geografia zabalean: badira baratze produktiboak, aisialdikoak, baserrietako ohiko baratzeak, terapeutikoak, eskoletakoak, hiri-baratzeak, okupatuak… Argako urak ureztatutako baratzeak ezagunak dira Iruñean eta bertako azoketan preziatuak haietako barazkiak. Baratzegintza ekologikoan ere aitzindari dira hiri buruzagian eta bereziki ezagunak Aranzadi meandro emankorreko produktoreak. Agustin Beroiz baratzezaina zen horietan ezagunenetakoa, baina, beste laborari batzuek bezala, alde egin behar izan zuen bertatik, Iruñeko Udalak 2012an ohiko baratzeak eraitsi eta Aranzadiko parkea eraiki zuenean. Desarrollismoaren ohiko amarruetakoa, baratze aberatsak botatzea, baratzegintzari buruzko parke tematikoa eraikitzeko. Lurra, eguzkia, ura gehi zaintza, berdin emankortasuna. Hori da baratzearen ekuazioa. Eta ohiko ondare horiez gain, baratzera hurbiltzen denak beste asko ere parteka ditzake bertaratzen diren gainerakoekin. Hortik aurrera, hiri-baratze bakoitza mundu bat da. Iruñeko Alde Zaharrean Piparrika Piparrika herri baratzea Iruñeko Alde Zaharreko Pellejerias Plazan eraiki dute, orain arte azken hamarkadatan itxia egon den eremu publikoan. Jarauta kalearen magalean da eta 1.500 metro koadro inguru hartzen du. Piparrika taldeko kideek berreskuratu dute Iruñeko Udalarekin elkarlanean. 2013an sortu zen taldea eta aurreko udalari aurkeztu zioten proiektua. Ez zen aurkako jarrerarik izan, baina berau ez da abiatu aldaketaren udala eratu arte. Aurten udalak lehiaketa publikora atera zuen hiri-baratze proiektua eta –elkarte gisa eratuta– Piparrikak irabazi zuen berau. Dagoeneko 40 bat lagun ari dira atzera-aurrera baratzearen kudeaketan, hiru lan batzorde dituzte –hezkuntza, baratzea eta dinamizazioa– eta batzarrean hartzen dituzte proiektuari buruzko erabaki nagusiak. Piparrika, Iruñeko Alde Zaharreko herri baratzeak ateak ireki zituen egunean, iragan maiatzaren 26an. (Argazkia: Piparrika) 2016ko udan egin zituen udalak plaza prestatzeko lanak: sarrerako ate-hesia berritu, babes hesi bat altxa, lurzorua lau jarri eta bestelakoak. Udalak, halaber, hainbat tresneria erosi du, bai baratzerako bai taulenak –landatzeko egurrezko askak– egiteko materiala. Guztira 13.000 euroko aurrekontua izan du 2016 eta 2017 artean, gehiena plazaren atontze lanetara bideratua. Taulenak, konpostalekua eta bestelako eraikuntza lanak aurten egin dira, auzolanean. Andrea, Monica eta Pedrorekin egon gara baratzeko eserlekuetan eserita, baina arratsaldeko ekaitzak aterpera bidali gaitu. "Turismoaz eta tabernez gain, bestelako aisialdi molde bat ere bultzatu nahi dugu eta hiri-baratzea horretarako aukera ederra da. Horrez gain, bakarrik dagoenari, eta oro har, bizilagunei harremantzeko espazio berri bat eskaintzen die", dio Andreak. Argi utzi nahi dute proiektu parte-hartzailea dela: "Taldea eta baratze hau guztiz irekiak dira eta edonor etor daiteke lanera, hitz egitera edo, besterik gabe, bertako lasaitasuna gozatzera. Hau espazio publiko guztiz irekia da eta hori da nahi duguna". Oraingo udalarekin mamitzen ari dira baratzea, baina hirukoteak argi azpimarratzen du ez dutela nahi proiektua inongo alderdi politikorekin lotzea: "Hau proiektu zabala da, herritarrena, eta udala aldatuko balitz ere, honek aurrera jarraitu beharko luke". Era batera edo bestera, dagoeneko ehunka lagunek jardun dute lanean herri baratzean: "Maiatzeko larunbat batean, adibidez, auzoko gazte mugimenduko ehun bat lagun aritu ziren eta gero bertan bazkaldu genuen" zehazten du Monicak. Bestelako auzolanetan ere denetarik elkartzen da, ume, gazte eta heldu, eta larunbat edo igandea bada, bertan bazkaldu ohi da, eguraldiak laguntzen badu bederen. Piparrika, Iruñeko Alde Zaharreko baratze komunitarioa. (Arg.: X. Letona) Hori bai, oraindik etxetik ekarritakoa jan behar, bertako erremolatxa, baba, piper edota tomateak hazten ari dira-eta. Urazak bai, hauek handi daude eta maiatzaren 27an ospatu zen Alde Zaharreko egunean eraman zituzten 30en bat aldameneko Santa Ana Plazan egiten den herri bazkarira. Egun horretan ireki zituzten guztiz ateak, eta aurrerantzean baratzea egunez irekita egongo da eta gauez itxita, Santa Ana plaza bezala. "Baratze hau ez da produktiboa –zehazten du Pedrok– bere funtzioa gehiago da hezkuntzari bideratua, baratzearen filosofia zabaltzera. Hirietan ez dadila porlana bakarrik egon aldarrikatzen dugu. Eta baita elikadura burujabetza ere". Bera da baratzegintzaz taldean gehien dakienetako bat eta pazientziaz azaltzen dio bata eta besteari baratzeko hainbat sekretu: "Arrautza azal hauek, adibidez, txikitu egiten dira eta uraza artean lurrean barreiatuta, bareak uxatu egiten ditu". Proiektua aberatsa da eta mimo handiz zaintzen dute Piparrikako lagunek. Udalarekin lotutako akordioa medio, hainbat baldintza bete behar dituzte, esaterako ekologikoan aritzea, sortutako hondakinak bertan kudeatzea eta salmentarik ez egitea jasotako produktuekin. Arazorik ez, elkartearen DNAn txertatuta duten filosofia da: aipatu printzipioez gain, ureztaontziak erabiltzen dituzte partehartzea handitzeko eta ura aurrezteko, edo ahal den guztia material birziklatuekin eraikitzen dute. Jarduera ugari bideratu dute baratzean eta hauen berri gehiago izan nahi duenak Piparrikak Facebooken duen kontu aberatsean du horretarako aukera. Udala pozik Marina Jiménez Iruñeko udalean hiri-baratzeez arduratzen den teknikaria da eta pozik ageri da Piparrikarekin batera egindako lanarekin: "Guk tokia eta materiala jarri dugu, haiek kudeaketa. Ikusten ari gara auzoko gainerako taldeekin harreman handia egiten ari direla, geriatrikoarekin, San Frantzisko eskolako guraso elkartearekin... Bestelako baratze asko daude Iruñean, baina hauek bereziak dira, besteak beste, eraikitzen duten harreman munduagatik". Jiménezen esanetan, datorren urterako hiri-baratzeetarako diru-laguntza lerro bat irekiko dute. Diru-laguntzak eskuratzeko baldintza elkarte gisa eratzea da, udalarekin harremanetan jartzea eta abiatzea. Badira beste proiektu batzuk ere, horien artean Txantrea auzoko Krispila taldeak bultzatutakoa –uraza mota bat da krispila– edo Bustintxuri auzoan eratu den Baratxuri taldea. "Ederra litzateke hiri-baratze sarea osatzea eta gero eta gehiago izatea", dio Jiménezek. Iruñeko Piparrika herri baratza. (Arg.: X. Letona) Maya Bernal ari da Krispilan, 2016ko otsaila aldera hasi ziren zortzi lagun proiektuarekin eta urrian baratzegintzari ekingo diote Txantreako Tartalo plazan. "Orain ere parke bat da plaza, baina guk bestelako parkea aldarrikatu nahi dugu baratzearekin", diosku Bernalek. Hemen ere taulenetan aritzekotan dira, baina Piparrikan baino produkzio handiagoa espero dute. Filosofia bera da: "Auzolana, harreman gunea, edonor aritzea lanean eta gero eraman ditzala barazkiak etxera". Mendillorriko baratze okupatua Iruñeko auzoa da Mendillorri 1998az geroztik eta 11.000 bat biztanle bizi dira bertan. Bertako gazte mugimenduak erabilerarik gabeko udal lur-zorua okupatu zuen duela hiru urte eta bertan baratzegintzari ekin . Ez zaie ika-mikarik falta udalarekin; honek nahiko luke beste baratzeekin bezala aritzea, elkarte gisa eratzea, proiektua aurkeztea, lehiaketa egitea eta abiatzea. Mendillorriko hiri baratzea. (Arg. X. Letona) 2014an eman zituzten lehen urratsak Mendillorriko herri baratzean. (Arg.: Mendilloriko herri baratza) Gazteen ustez, udalak dena arautu nahi du eta euren eredua autogestioa da. "Leku publikoak pertsonenak dira. Auzoak eta herritarrek ematen diote zilegitasuna baratzeari. Guk egin dugu herri-baratzea, udalak izan dezala konfiantza eta errespeta dezala proiektua", dio herri-baratze proiektuan ari den Xabi Senosiain gazteak. Besteak beste, baratzea kontsumoaren kontrako alternatiba gisa eratu zela dio eta haiek zabortegia zena txukundu egin zutela. Senosiainen esanetan era batera edo bestera 50-60 bat gazte aritzen dira egun proiektuan, "hasieran denak gazteak aritu ginen eta gerora helduak ere hurbildu izan dira interakzio polita sortuz". Udal teknikari Jiménezen ustez, "elkartea egingo balute, diru-laguntzak-eta jasoko lituzkete, besteek bezala, bestela udalak ezin dizkio diru-laguntzak edozeini banatu". Sarrigurenen ere bai Sarriguren Eguesibar udalerriko auzoa da, baditu aisialdirako udal baratzeak, baina baita herri baratze txiki bat ere. Eraikuntzarako ziren 80.000 metro koadro eraiki gabe daude artean eta baratzearen sortzaileek diote, eraikitzen ez den bitartean badutela eskubiderik bizilagunentzat elikagaiak ekoizteko. Lur zoru horiez gain, auzoak 300.000 metro koadro berdegune ditu, horietako gehiena belarra, eta beren ustez hori mantentzea nahiko garestia da: "Hirietako berdeguneak pixkanaka baso eta nekazari lurrak bihurtu beharko lirateke". Sarrigurengo herri baratzea. (Arg.: X. Letona) Mikelen hitzak dira, telefonoz jardun dut harekin eta, tarterik izanez gero, arratsaldean agian argazkiak egitera hurbilduko nintzela azaldu diot. Hartu dut tartea eta herri baratzera heldu naizenean familia bat zegoen bertan eserita eta solasean. "Zuetako bat da Mikel akaso edo baratzekoak zarete?", galdetu dut. "Ez, ez gara. Ondotik pasatu gara eta gelditu. Zein txoko polita ezta?", ihardetsi dit haietako batek. Mikelek azaldu digunez, txikitik egindako apustua da, oso txikitik. "Dendetako egurrezko fruta kutxa batekin hasi ginen. Barruan, konposta, lau uraza eta tipulatxo batzuk jarri genituen eta ondoan ureztaontzi bat utzi genuen, dena iturri batetik gertu. Biharamunean ume bat kutxa ureztatzen ari zen. Eta hurrengo egunetako batean kartela jarri genuen: "Sarrigurengo herri baratza, Baratze hau guztiona da. Anima zaitez eta zaindu". Apurka baratzea loratuz joan da, orriotako argazkian ikus daitekeenez. "Baratzeak gauzak kolektiboki egiteko aukera ematen digu eta guk hori baliatu nahi dugu, baratzea eta barazkiak elkarbanatu nahi ditugu". Ingalaterrako Todmorden hirian egin zutena dute erreferentetzat: "Han baimena eskatu gabe hasi ziren landatzen. Pam Warhurst-ek hala zioen: 'Ez eskatu baimena, hasi landatzen'. Berehala hango udalak ongi ikusi zuen mugimendua eta laguntzen hasi zen". Ekainean, gutxi erabiltzen den espazio berde batean Sarrigurengo Baso Jangarria sortzeko proposamena aurkeztu dute Eguesibarko udal aurrekontu parte-hartzaileetan. Gasteizko Basalburu dute buruan: "Agian ez dugu irabaziko –dio Mikelek–, baina dagoeneko ideia zabaltzea lortu dugu". Piparrikako pareta batean mural txiki bat margotu dute eta bi esaldi idatzi: "Ametsak erein eta itxaropenak bil ditzagun. Construyamos un mundo donde quepan muchos mundos". Kristoren aurreko IV. mendearen amaieran demokraziaren Greziako lehen polis hura gainbeheran zetorrenean hasi zen bere baratzea lantzen Epicuro gaztea. Esklaboei eta emakumeei filosofiaren ateak zabaldu zizkien, Atenasko eskola klasikoetan hori egitea gaizki ikusia zegoenean. Ideiekin baino baratzearen fruituekin egin nahi zuen iraultza laborari berritzaile hark. Nago, Epikuro haren eskolakoak eta 2.500 urte geroagoko herri baratzetako herritar hauek antzeko etorkizuna irudikatzen dutela munduarentzat.
news
argia-92f9544c6791
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/macronen-en-marche-garaile-abstentzionisten-begiradapean.html
Macronen En Marche garaile, abstentzionisten begiradapean
Mikel Asurmendi
2017-06-18 00:00:00
Macronen En Marche garaile, abstentzionisten begiradapean En Marche (EM) alderdia hirugarrenez jalgi da irabazle bozetan hiru hilabetetan. Presidentzialetarako lehen bi itzulietan garaile izan zen eta legegileetako lehenean ere bai. Emmanuel Macronek lehen itzulian jasotako emaitzak bigarrenean berretsiz gero, Frantziako Errepublika norabide berrian jar lezake agindu duen erreforma gauzatzeko. Frantziako hauteskunde presidentzialetan eta legegileetako lehen itzulian izen propio bat gailendu da: Emmanuel Macron. Datorren igandean, legegileen bigarren itzulian emaitzak berretsiz gero, Frantziako Gobernu berriak V. Errepublikak bizi duen krisia gainditzeko promestu dituen neurri politiko berriak definituko beharko ditu. Hauteskundeen biharamunean alderdiek erdietsitako diputatuen kopurua, bozen portzentajeak eta emaitzak ongi aztertzea izaten da funtsezkoa. Oraingoan baina, horien garrantzia baztertu gabe, bi datu azpimarratu ditugu: abstentzioak ezarri duen inoizko marka altuena, hautesleen %51k ez du parte hartu. Beste datu bat: Frantziako politika bide berrietan abiarazi nahi duen En Marche (EM) alderdiak, presidentzialetako lehen itzulian bozen %20 inguru erdietsi zuen. Boz legegileetan, berriz, %30 inguru. Galdera bat aireratzen da: Macronek burutu al dezake agindu duen erreforma, aurreko zenbaki horiek aintzat harturik? Macronen En Marche uhin urdinak Frantziako alderdi historikoen eta sistemaren eskema klasikoak hondorarazi ditu Itxura guztien arabera, Legebiltzarreko 557 diputatuetatik 400 inguru EMkoak izanen dira. Gobernu berriko Edouard Philippe lehen ministroak Asanblea Nazionalaren gehiengo osoa bere alde izanen du. Hasteko eta behin, "moraltasunaren aldeko lege berria" indarrean ezartzeko. Alta bada, Gobernua lanean abiatu orduko Lurraldeen Kohesio ministro Richard Ferrand-i irregulartasunak antzeman zaizkio haren kudeaketa politikoan. Halaber, Gobernuak lanaren eta fiskalitatearen erreformak egin beharko ditu. Bestalde, Estatuaren segurtasun politikak eta Europar Batasunak eskatzen dituzten neurri politikoak ongi zehaztu beharko dituzte presidenteak eta Gobernu berriak. Hauteskundeek Macronen alderdiari instituzioetan behar duen sostengua eman diote eta datorren igandean berretsiko diote ziur asko. Alta bada, Frantziako Legebiltzarreko ordezkaritza irreala eta ahula izanen da. Herritarren erdiak (%51k) ez dio ezein ordezkariri bere konfiantza eman. Presidentea eta Gobernua sostengatzen dituen En Marche alderdiaren oposizioa oso ahula da. Les Républicains (LR) da burua doi-doi zutik atxiki duena. 100 bat diputatu inguru izan lezake. Alabaina, bi alderdien arteko harreman gaiztoek ez dute inolako margenik politika baikorra egiteko. Benoît Hamon-en PS lur jota dago. 20 diputatu baino ez du izanen. Mélenchon-en Frantzia Intsumisoak ez du PSk baino ordezkari askoz gehiago lortuko. Marine Le Pen FNren ordezkaritzak ez du Legebiltzarraren politika baldintzatzen. Areago, egiari zor, diputatugaien kezka nagusia, lehen itzulia gainditu ondoren, ea bigarrenean hautatuak izanen diren jakitea da, Legebiltzarreko eserlekua bete ahal izateko. Adibiderako, Benoît Hamon kanpo geratu da, Manuel Valls lehen ministro ohiak aldiz, aurrera egin du. Egungo demokraziaren duintasuna politikarien nahikerien arau neurtzen da. Macronen En Marche uhin urdinak Frantziako alderdi historikoen eta sistemaren eskema klasikoak hondorarazi ditu dagoeneko. Presidente izendatua izan ostean, Frantziako Legebiltzarraren gehiengoa lortzea izan du helburu Macronek. V. Errepublikak bizi duen krisitik ateratzeko gauzatu nahi duen erreforma bideratzeko Frantziako Legebiltzarraren gehiengoaren sostengua eskuratzear dago. Galdera jalgi da berriz ere: Asanblea Nazionalean izanen den indar korrelazioaren arabera gauzatu ote daiteke Frantziak behar duen erreforma?
news
argia-f0491616a4b0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/gazteraiki-lanaren-taldea.html
"Prekarietateari aurre egiteko, arazo indibidualak kolektibo bilakatu behar ditugu"
Ane Eslava Serrano
2017-06-18 00:00:00
"Prekarietateari aurre egiteko, arazo indibidualak kolektibo bilakatu behar ditugu" Gazte mugimenduak abenduan Barañainen egindako Gazteraiki topaketan hainbat lagunek ikusi zuten gazte langileen arazoei aurre egiteko sareak ehuntzea ezinbestekoa zela, eta lanari lotutako taldea sortu zuten. Ekainaren 18an dute "0" asanblada Bakaikun. Ander Bilbao eta Iñigo Alonso talde eragileko kideek orain arteko bideaz hitz egin digute. Euskal Herriko gazteek lan munduan bizi duten egoera salatu duzue, zein da? Prekarietatera kondenatutako gazteak gara. Eskola partikularrak ematearen truk hiru-lau sosa ateratzen ditugu, egunero tonaka elikagai zaborretara botatzen duen supermerkatuak orduko lau euro ordaintzen digu, Bangladeshen jositako arropak tolesten ditugu... Ikasketak lan merkatutik at kokatzeko borrokatzen gara, gurasoen etxean bizi gara eta praktiketan enpresarientzat doan egiten dugu lan. Gazteen prekarietateak eragin konkretuak al ditu? Hainbat gauzaz ari gara: kontraturik ez izatea, soldata baxua, lan ordutegi finkorik eza, azpikontratazioa… Eta kontzeptu horien ezaugarri komuna da ezegonkortasun eta segurtasun falta. Horrek ez du eragiten soilik lan baldintzetan, gure bizitzako esparru guztietan baizik, nahi dugun bizi proiektua eraikitzea oztopatzen duelako. Baina hau ez da berria. Industrializazio garaian adibidez, oso lan baldintza gogorrak zeuden. Ezberdintasuna zein da? Gaur egun prekarietatea geroz eta sektore zabalagotara hedatu eta sistematizatu dela. Baina gazte guztiek ez dute prekarietate bera jasaten… prekarietate mota ezberdinez hitz egin dezakegu agian? Argi dago eskualdez eskualde prekarietatearen forma aldatzen doala, sektore produktiboak modu askotan banatuta daudelako. Hiriburuetako gazteen errealitatea lotuago dago hirugarren sektorera. Kasu hauetan arazoetako bat da hiri handietako agertokiak gero eta erlazio handiagoa dutela multinazional eta enpresa handiekin.     Herri txikietan, berriz, beste arazo batzuei egin behar izaten diete aurre: landa exodoaren eraginez proiektuak aurrera ateratzea oso zaila izaten da; herritarren arteko gertutasunak eragiten du kontraturik gabe edo baldintza kaxkarretan lan egiten ari diren gazteek nagusiei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta abar. Beraz, prekarietatearen forma aldatzen da, bai, baina eraginak berberak dira. Horregatik, egoerari aurre egiteko modua denon artean bilatzea planteatzen dugu. Horretarako sortu duzue Gazteraikiko lanaren taldea? Gazteraikiren lehenengo asanblada Añorgako (Donostia) Firestone lantegi okupatuan egin zen. Han, gazte mugimenduko hainbat kidek ikusi genuen erresistentzia fasetik alternatiben eraikuntzara joan behar ginela. Egun horretan hamaika arlotan banatu ginen (feminismoa, etxebizitza, lana, komunikazioa…) eta honela sortu genuen lanaren taldea. Bigarren txanpa Usurbilen izan zen: ikusi genuen egungo gazte langileon atomizazioari aurre egiteko beharrezkoa zela gure arteko sarea zabaltzea. Horren ondotik, Euskal Herriko hainbat txokotan salatu genuen prekarietatea; Madrileko Prekarioen Bulegoko kideak ere etorri ziren Hego Euskal Herrira eta hiriburu guztietan hitzaldi-eztabaidak egin genituen beraien proiektua ezagutzera emateko. Gazte mugimenduak Barañainen egindako topaketen irudia; horren ondotik hainbat pauso eman dituzte taldea sortzeko: "Ikusi genuen egungo gazte langileon atomizazioari aurre egiteko beharrezkoa zela gure arteko sarea zabaltzea". (Argazkia: Topatu) Euskal Herrian bulego prekarioak sortuko dituzue, zein helbururekin? Gazteak kontzientziatu eta aktibatu nahi ditugu: prekarietate egoeran dagoen gazte bakoitzarekin hitz egin eta haren arazoari denon artean erantzun. Tokian tokiko sareak ehundu nahi ditugu, babesa, mobilizazioa, bitartekaritza juridikoa eta informazioa emateko. Gazte batek arazo zehatz bat badu, hura ezagutzera emango dugu, adibidez manifestazio eta performance-ak eginez edo esku-orriak banatuz. Norbanakoaren zapalkuntza arazo kolektiboa dela erakutsi nahi dugu azken batean. Bide juridikoa erabili behar izanez gero sindikatuekin jarriko gara harremanetan, baina mobilizazioa guztiz beharrezkoa ikusten dugu, irakurketa politikoa kalera ateratzeko. Horrez gain, jadanik existitzen diren alternatiben inguruko informazioa eskaini nahi dugu eta proiektu bat sortzeko asmoa duten gazteak OlatuKoop bezalako eragileengana bideratu. Antzekoa egiten duen eredurik ezagutzen duzue? Bai, eredu ugari daude, AEBetako Seattle Solidarity Network-a kasu, langileen arteko elkar babesa eta ekintza zuzena oinarri duena. Beste adibide batzuk badaude: Red de Solidaridad Popular (Madril), Vaga de Totes (Herrialde Katalanak), Sindicat de Barri (Gràcia, Bartzelona), Grupo de Respuesta Inmediata (Kanaria Handia) eta Las Kellys (Espainiako Estatua), besteak beste. Euskal Herrian, Iruñerriko Langileon Autodefentsa Sarea eta Gazte Langileok kolektiboa daude, Bilboko Eragin kolektiboa, Orereta eta Bilboko Langileen Elikagai Banku Solidarioa... Gure asmoa da horien akats eta lorpenetatik ikasi eta gure errealitatera egokitutako mugimendua sortzea. Tokian tokiko lan-taldeak sortu dituzue, nolako harrera izan du egitasmoak? Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatuta gaude eta Ezkerraldean, Durangaldean eta Sakanan esperientzia batzuk martxan daude dagoeneko. Adibide batzuk dira Bilboko hiri ereduaren eta multinazionalen kontrako dinamikak, Ezkerraldean ACBko aferaren harira egindako mobilizazioak, Donostiako mahai-inguruak, Iruñerriko mobilizazio eta autodefentsa sareak eta Gasteizko aurkezpen asanblada. Tokiaren arabera mugimenduak berezko forma hartu du: proiektu batzuk hastapenetan daude eta beste batzuk etengabe hazten ari dira.
news
argia-fb4fd800f9ec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/xane-kreckelbergh-militantziatik-erretretarako-urratsean.html
"Feminismoak garai batean finkatu erronka guztiak hor ditugu oraino"
Jenofa Berhokoirigoin
2017-06-18 00:00:00
"Feminismoak garai batean finkatu erronka guztiak hor ditugu oraino" Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako aurpegi ezaguna da Xane Kreckelbergh bithirindarra. Azken aldietan gutxiago ageri dena, ardurak uzteko urratsa eman duelako. Ez zaio erraza izan. Batetik, hainbeste aldatzeko duen jendarte honetan ezin duelako geldirik egon, eta bestetik, borroka feminista eramateko Ipar Euskal Herrian dagoen militante kopuru txikiagatik. Feminismoaz eta bere ibilbideaz hitz egiteko denbora eskaini digu. Emazteek Diote elkartean zenituen ardurak utzi berri dituzu. 1973an militatzen hasi eta geroztik beti aritu naiz feminismoaren esparruan. Banekien ardurak utzi behar nituela, baina zaila zitzaidan, ikusirik gazterik ez zela segidarako. Oroit naiz kide gazte batek erran zidala hor izanen nintzeno ez zela ardura hartzerik izanen, beharrik ez zelako. Paf! elkartea Baionan, Brigada Ubela EHZ festibalean... Gazte batzuk feminismoari lotzen zirela ikusirik hitzetik ekintzara pasa nintzen. Lehendakaritza 2014an utzi nuen eta bestelako ardurak iaz. Deus ez egitea erabaki nuen, kide xume izatea. Feminismoan gazte gutxi ikusteak kezkatzen zaitu. Ez da berdina Hego Euskal Herrian. Nolaz da hain desberdina Hegoaldean? Errepresio gehiago bizi izan dutelako? Hiritarrak izanki errazago zaielako? Ez dakit. Ez dut uste alderdi politikoek feminismoari garrantzi handiagoa eman izanagatik denik. Izan hautetsi, sindikalista ala beste, emazteak hainbat arlotan sartu ziren militantziaz. Hemen lege bat behar izan genuen gizonak tokia uztera behartzeko. Han matxistagoak direla? Ez, uste dut berdintsu direla han eta hemen. Zuen belaunaldian ere ez zarete anitz. Egia da. Egunak 24 ordu izanki, Emazteek Diote-ko batzuek beste gai batzuei eman zieten lehentasuna. Baina beti sostengatuz feminismoa. Kontsumo jendartearen izpiritua gure buruetara sartu zen eta militantzia ahuldu zen. Uste dut borroka irabazia zela pentsatu zutela gure adinekoek eta ondokoek. 40 eta 70 urte artekoetan huts handi bat bada. Gaur egun, 30 urtekoak edo hortik beherakoak dira borroka horri lotzen Ipar Euskal Herrian. Zer ekartzen dizu militantziak? Jendarteak aldatzeko behar hori badut, isilik egotea ez dut onartzen. Nire burua bortxatu behar izaten dut ekimenetan ez inplikatzeko. Nire buruari erraten diot "Xane, ez da zure adineko kontua, utzi besteei, ez joan lehen lerrora". Anitz elkartetan berdina gertatzen da: zaharrok tokia hartzen dugu eta nekez uzten diegu ondorengoei. Lekua utzi behar zaie. Paris eta hiri handiei lotu ohi dugu 68ko Maiatza. Ipar Euskal Herriko baserri munduan ere sentitu zen? Garaian Donapaleun ikasle nintzen. Ez genuen Paris edo hiri handietan bezala bizi ukan; ideiak hartu bai, baina pixka bat beranduago barneratu genituen. Futitzen ginen Paris, Bordele eta Bilbon gertatzen zenaz, guk gure bizia segitzen genuen, gure gogoeta, eztabaida eta aldarrikapenekin. Oso praktikoak ginen, mentalitateak aldatu nahi genituen, formakuntza edota eztabaiden bidez. Ez genuen hainbeste denbora pasatzen gure artean gogoetatzen. Garaian, haurtzaindegien beharra eta kontrazepzioaren eskuratzea ziren lehentasunetan. Mentalitateen aldatzea zaila zitekeen. Hemengo jendeek zerbait pentsatzen dute baina ez dute deus erraten! Nonbait ona da... Ez jakinki zer pentsatzen zuten, gurean segitzen genuen. Dena dela, segur ginen arrazoi genuela. Gaur egun, badakigu entzunak izan ginelako zirela ideia batzuk aldatu. Oraino zaila da, eguneroko matxismoa hor dago beti. Bada zer egin. Adibidez, hauteskundeetarako EH Bairen liburuxketan "feminismo" hitza ez da ageri. Zergatik ez? Ez dut ulertzen. Zein dira gaur egungo erronka nagusiak? Egoera hobetu da, baina sobera emeki. Uste dut garaian finkatu erronka guztiak hor ditugula, forma edo hein ezberdinetan badira ere. Bi aipatuko ditut. Batetik, dibortzioa irabazi da, baina diruduna izan behar da egin ahal izateko. Dibortziatu diren nire ingurukoak pobrezian dira. Bestetik, haurtzaindegirik ez da aski. Amatxi eta aitatxi ez balira hor, gazteek ez lukete duten bizia eramaten ahalko. Eskaintza falta da. Gazteek ez dute deus aldarrikatzen, ez da normala. Erronka berria da integrista katolikoena. Hedatzen ari dira, arriskugarri da. Bestalde, sexualitateari dagokionez, gazteek ezberdin planteatzen duzue gaia. Bilgune Feministakoak entzuten ditudalarik harritzen eta pozten naute. Ondarroako topaketetatik atera nintzen liluraturik. Bilgune Feministakoak bidelagun ukan dituzu. Bilgune Feministak morala igotzen dit. Garaian Egizan ala ondotik Bilgune Feminista ez balira hor izan, ez dut uste atxikiko genuenik. Egiazko galderak egiten dituzte, zinez galdera sakonak. Garaian homosexualitatea aipatzen genuen, baina gugandik kanpo gelditzen zen. Gaur egun gazte bagina, bizi eta amodio aukeratzat ukango genuke homosexualitatea. Koordinazio feminista bat sortu da Herri Elkargoan, parekidetasuna eta feminismoa exijitzeko. Emazteek Diote-tik abiatu zen ideia. Gauzak aldatuko dira herri elkargoan ere. Noiz? Ez dakit. Proposamen bat luzatua izan zaie, parekidetasunaren aldeko Europako Karta izenpetzea galdetua zaie. Ez dut ulertzen nolaz 2017an hain gibel izaten ahal garen.
news
argia-9b3792fe8416
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/iruneko-zuhaitz-zaharren-balioa.html
Iru�eko zuhaitz zaharren balioa
Garazi Zabaleta
2017-06-18 00:00:00
Iru�eko zuhaitz zaharren balioa Sinbologia handia izan du historikoki zuhaitzak gurean, eta gaur egun ere badu. Ideia horretatik abiatuta, Iruñeko zuhaitz zaharren balio kultural eta historikoa izenburuko hitzaldia antolatu zuten maiatzean Nafarroako hiriburuan. Zuhaitz Zaharren Lagunak elkarteko kide Mikel Belasko izan zen hizlaria. Urteak daramatza taldeak Nafarroako zuhaitz zaharren kontserbazioa eta babesa bultzatzen. Gernikak bezala, Iruñeak ere bere zuhaitza Sekuoia bat da Iruñeko zuhaitzik zaharrena. "Berez, ez da oso zaharra: 1855. urtean jarri zuen baztandar batek. Kaliforniatik zuzenean ekarri zuen eta diputazioko lorategian landatu", azaldu zuen Belaskok Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan. Zuhaitza landatu zuten garaian foruen inguruko kontuak pil-pilean egonik, "Iruñeko arbola" izendatu omen zuen sekuoia norbaitek, Gernikako Arbolarekin alderatu nahiz edo. Zorte txar xamarra izan zuen, hala ere, zuhaitzak. Izan ere, 1933an tximistak jo eta kalte handiak eragin zizkion. Ohikoa dirudi gertakari horrek, Iruñeko Alde Zaharrean zegoen beste sekuoia bat ere duela hamabost urte inguru kaltetu baitzuen tximistak. Zuhaitz altu horiek duten arriskua ikusita, horietan tximistorratzak jartzen hasi berri da Iruñeko Udala. Egun sekuoia bada zuhaitzik zaharrena Iruñean, historikoki zumarra zela nagusi dio Belaskok. Europa osoan zabaldutako grafiosia gaitzak jota, ordea, ia guztia galdu omen zen. Horregatik apenas dagoen Iruñean zuhaitz zaharrik. Zuhaitz Zaharren Lagunak 2005ean sortu zuten Iruñean Zuhaitz Zaharren Lagunak elkartea. Nafarroako zuhaitz zaharrak babestea eta aztertzea eta horiei lotutako biodibertsitatea aztertzea dute helburu. "Iraganaren testigu, zuhaitz bakoitzak istorio bat kontatu digu, bere sustraiak bota zituen tokiko historia, bertako jendearena eta ohiturena", diote elkartearen katalogoko sarrera testuan. Horixe izan da Iruñeko zuhaitz zaharren balio kultural eta historikoa konferentziaren asmo nagusia: hiriko zuhaitz zaharrak bertako historiarekin, ohiturekin, kulturarekin eta bizimoduarekin harremanetan jartzea.
news
argia-012beb457d38
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/bista-zorrozteko-ahalegina.html
Bista zorrozteko ahalegina
Aingeru Epaltza
2017-06-18 00:00:00
Bista zorrozteko ahalegina Ez dira guretarik. Ezta gu bezalakoak ere. Alderantzizkoak ditugu, aldrebeskoak, kontrarakoak. Gure salbuespena araua da haiendako, eta haien araua guretako salbuespena. Gure araua haien salbuespena da, haien salbuespena gure araua. A ereduak fama txarra du gure artean. Aspaldi handitik. Urtean behin edo bitan, euskaltzaleenek haren desagerpena aldarrikatu ohi dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, hainbertzeraino gabe, ez ikusia egiten diogu. Ez balego bezala jokatzen. Ez da lan nekeza, ikusgarritasuna baitu eskas, hitza nolanahi ulertuta ere. A eredua ez da inon nabarmentzen. Inork ez du aipatzen, hain gutxi goratzen. Seme-alabak eredu horretara bidaltzen dituzten aita-amek ez dute inoiz elkarterik edo bertzelako erakunderik sortu. Ez dute beren kezkak nola bideratu. Beharbada kezkarik ere ez dute. Haien irakasleek, bertze horrenbertze. Erran gabe doa, A eredukoek ez dute festarik egiten, ezta urtean behin elkarretaratze erraldoirik ere. Euskaltzaleek ez dute maite. Eta euskaltzale ez direnek ere ez, Nafarroan bederen. A eredukoek ez dute festarik egiten, ezta urtean behin elkarretaratze erraldoirik ere. Euskaltzaleek ez dute maite. Eta euskaltzale ez direnek ere ez, Nafarroan bederen Egin zaion kritika nagusia arrazoi-arrazoizkoa da: A ereduak ez du inor euskalduntzeko balio. Nola Batxilergoan eman zizkiguten frantses ordu guztiengatik ere gutako gehienak ez ginen zerbeza bat eskatzeko gauza Donibane Lohitzuneko plazan, hala astean lau orduko eskolak ere aski ez izan ez A ereduko ikasleek kalimotxoa eskatzeko Leitzako gaztetxean. Ez gaitezen, hala ere, hain harroputzak izan. Gurean ere zakur guztiek ez dute zapatarik janzten. D eredutik iragan diren ikasle ohi mordoa ezagutzen dugu denok, euskaraz lau esaldi elkarren segidan lotzeko ezgai. Bertze batzuen kasua, gainera, okerragoa da. Haien ahotik ez da euskaraz sekula santan hitz bat ere aterako, beren gurasoek horrela erabakita. Gure hizkuntzaren arrastorik ez da Nafarroako ikasleen erdien ikasketa planetan, eta susmoa dut hori ez dela berehala aldatuko. Botoz, diruz eta kemenez oraingoak baino hornituagoa egon beharko du Nafarroako ikasle guzti-guztiak euskararen gutxieneko ezagutza baten jabe eginen dituen gobernuak. Euskarak arrotz izaten segituko du aunitzendako. Eta euskararekin batera, gu ere arrotz. A ereduko ikasleak ez dira guretarik. Ezta gu bezalakoak ere. Alderantzizkoak dira, aldrebeskoak, kontrarakoak. Baina ez kontrakoak. Bertze batzuek ez bezala, badute astean lau aldiz leiho tiki bat irekia, eta handik gu ikusteko aukera. Lausoan baizik ez bada ere. Ordainean, guk ere egin beharko genuke bista zorrozteko ahalegina, haiei ez ikusia egiteari utzita. Hor daude, eta bidelagun izan daitezke. Lana nork egina dugu falta.
news
argia-ccc020088a02
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/herritarren-ituna-dohainak-eta-arazoak.html
Herritarren ituna, dohainak eta arazoak
Xabier Letona
2017-06-12 00:00:00
Herritarren ituna, dohainak eta arazoak Gure Esku Dagok herritarren ituna aurkezteko Bilbon egindako ekitaldia urrats bat gehiago da nazio politikoa egituratzeari begira. Bide horren onurak eta izan daitezkeen arazoak aztertzen dira ondorengo lerroetan. Nazioa da herriari zentzu politikoa ematen diona gaur egungo nazioarteko diskurtso politikoan, eta edozein herriren nazioaren ideia indartzen den neurrian bere etorkizun politikoa bermatzeko urrats bat gehiago ematen da. Iragan larunbatean Gure Esku Dagoren ituna aurkezteko Bilbon egindako ekitaldia urrats bat gehiago da, beraz, norabide horretan. Gizarte zibila da, gainera, dinamika horren protagonista nagusia, eta hori beti da plus bat botere ekonomikoek eta alderdi politikoek horren indar handia duten gizartean. Nazio politikoaren ideiak urrats bat gehiago ematen du, beraz, Gure Esku Dagok proposatutako herritarren itunarekin. Nazioa, horra koxka. Horregatik ez du Espainiako Konstituzioak Espainiako nazioa besterik onartzen, gainerakoak "nazionalitateak" dira edo gehienez nazio kulturalak. Erabaki eskubidea, autodeterminazioa Katalunian gaur egun indarrean den autonomia estatutuak ere nazio gisa definitu zuen beren herria, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak ondo baino hobeto orraztu zuen eta kontzeptu hori debekatu. Haren emaitza da urriaren 1ean Katalunian egingo den autodeterminazio erreferenduma. Bai, erabaki eskubidea da autodeterminazio eskubidearen esapide modernoa, baina hau ez dago oraindik inon jasoa eta autodeterminazio eskubidea Nazio Batuen Erakundeak berak onartzen du, nahiz eta XX. mendeko bigarren erdialdeko deskolonizazio prozesuetarako egin zen. Hala ere, XXI. mendean gaude eta NBEko legedi ahulak hori mantentzen jarraitzen du bere artikulatuan, jadanik deskolonizazio prozesu haiek aspaldi desagertu zirenean. Euskal gatazkak azken mende erdia pasatu du nazio politikoan enrokatua, bere adar bortitz eta mingarriaz jantzita gainera. Gatazka horri ikuspegi demokratikotik heldu nahian ari da Gure Esku Dago, lorpen garrantzitsuekin gainera, herrietako kontsulten partehartzeek erakutsi duten gisan. Baina ETArik gabe dena posible eta egingarri zela zioen herri abertzaleak orain ez du mobilizatu nahi: izan liteke ahitua dagoela; edo hala eroso dagoela eta kito; edo inork ez duela behar bezala motibatu; edo, besterik gabe, nazioaren aldeko beste borroka esparru batzuk beharrezkoagoak jotzen direla. Kohesioa eta konfrontazioa Nazio gatazkaren alde alaia bideratzen ari da Gure Esku Dago azken lau urteetan, edozein nazio eraiki eta egituratzeko behar den kohesio eta kontsentsu esparruak jorratuz. Norbaitek egin behar duen lana da, jakina, baina gatazkaren muina latza da, bi legitimitateren konfrontazioa dagoelako tartean, eta borroka hori Estatuaren indarrean –legea deitzen duten hori– oinarritzen delako eta ez lehia  demokratikoan. Gure Esku Dagok jorratu nahi duen herri kontsentsu horrek badu beste arazo handi bat gaur egun, munduko edozein naziotan ematen diren gatazkez josia dagoela gurea ere: hor dira EAJk eta bere aliatu instituzionalek –PPk eta PSOEk–  ordezkatzen duten bultzada neoliberala eta hauen aurka ari diren herri sektoreen arteko konfrontazio sozial eta ekonomikoa: langile eta enpresarien artean ematen dena, Bizkaiko zahar egoitzetako borroka luzea, fiskalitatea, desarrollismoaren politiken ondorioz datozen arazoak, AHT, Zubietako erraustegia, Aroztegia, Errekaleor, Tosu… Nola sinetsi aliantzetan, eguneroko praxiak sektore hauek aurrez aurre jartzen dituenean? Erantzuna ez da samurra, baina itunaren garapenak emango ditu pista gehiago.
news
argia-7213fe21d966
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/kiwiaren-milaka-hazi.html
Kiwiaren milaka hazi
Jakoba Errekondo
2017-06-18 00:00:00
Kiwiaren milaka hazi Loratu da, harro, kiwi arra, Actinidia deliciosa. Ar hutsa izanik urteroko bere lan bakarra loreak ireki eta polena askatzea da. Gurean, oraintxe bukatu du urteko egin beharra; hemendik atzera koskabiloak jorratzera: jan eta hazi, jan eta hazi. Horrexegatik, oraintxe da kiwi arra inausteko tenorea. Moztutako tokitik adar berri gazte-gazteak luzatuko ditu, eta horietan, indarrean loratuko da hurrengo urteko udaberrian. Kiwi arrak lan gutxi egiten du: loreak eman eta lore hautsa hedatu, milioika eta milioika polen ixpi sortu intsektuek eta haizeek landare emeek ireki dituzten loreetara eraman ditzaten. Ernalkizuna nola gertatzen den halakoa izango da gero kiwi igalia, ale bakoitzaren kalitatea, alegia. Landare eme bereizietan dauden lore emeek eskuera polena erruz izatea nahitaezkoa da alea ondo hazi eta berezko helburua betetzeko: haziak ematea. Ernalkizun/ernalketa on batek hazi asko ekarriko ditu, eta hazi askok fruitu ale handia. Ez naiz esateaz nekatzen: fruitu arbolak ez du fruitua guk jateko ematen, bere haziak banatu eta haietatik fruitu arbola berriak sortzeko baizik. Tartean, guk eskua sartu eta jaten dugu, baina baita asko uste gabe bere haziak banatu ere, gero libratzean... Izan ere zenbat hazi ditu kiwi ale batek? Ehunka hazi dituela esan ohi da, batez beste bostehunetik gora, eta zenbait alek baita 2.000 baino gehiago ere, 2.500 aipatzen du baten batek. Nik neuk ez dut asmorik zenbaketa horri ekiteko, hala ere inor horretara jartzen bada emaitzaren berri eman diezagula. Bi mila eta bostehun esker, aldez aurretik! Haziak, noski, landare berriak sortzeko dira. Guk txertatuta jartzen ditugu, aldaera jakin baten klonak, kopiak, alegia. Hazitik aldaera berriak sortzeko aukera handia dago. Saiatu eta lortzen baduzu, zeure alabaren izena jarri ahal izango diozu, edo aitaginarrebarena... Ea bada. Kiwiaren mamia iragazkian zanpatuz haziak bereizi. Uretan pasa eta egun pare batez lehortzen utzi paper edo oihal batean. Haziak ontzi edo poltsa batean hozkailuan eduki, hiru edo lau hilabetez. Lur gozoz betetako kaxa batean erein, arin estali lurrez eta goxo-goxo zanpatu. Ihinztagailuz ureztatuz lurrari heze eutsi, urasetu gabe. Plastiko edo beira garden batekin estali, hezetasunari eusteko. Toki epel batean jarri. 3-5 astera landaretxoak azaltzean estalkia kendu eta eguzkitan jarri. Hazi ahala, bakandu eta zeharraldatu. Handik kiwidira.
news
argia-4d3927b6aec0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/ikastaldi-baten-kontaketa.html
Ikastaldi baten kontaketa
Aritz Galarraga
2017-06-18 00:00:00
Ikastaldi baten kontaketa Oso maite duzun idazle batek esaten du benetan idaztea gustatuko litzaiokeen liburu bat dela ixa, eta zer egingo diozu, bada, ez bada ixa liburu hori irakurri berehala, are ixa liburu hori literatura unibertsalaren klasikoetarik bada –eta puntu honetara iritsita, lotsaemangarria ere gerta daiteke literatura unibertsalaren klasiko hori orain artean irakurri ez izana publikoki aitortzea–. Lagun artean gaude, ordea, eta lotsarako tarterik ez da –bide batez, ze gutxi hitz egiten den hedabideetan gero eta gehiago, gero eta hobekiago euskarara itzultzen den literatura unibertsalaz, ezta?–. Nire deskarguan esango dut gainera, pelikula bai, pelikula bere garaian ikusi nuela –interes intelektual hutsagatik, noski–. Ondorioa: a zer aldea, pelikula eta liburuaren artean; liburuaren alde, bistan da. Pelikula zentratzen baita nobelaren aspektu bat eta bakarrean: Vietnamen, 1930eko hamarkadako kolonialismo frantziarraren menpe, neskato zuri nerabe baten eta amorante txinatar helduago eta aberatsago baten arteko amodiozko harremanean, eta harreman horrek askatzen duen erotismoan –ez ahaztu pelikula ikustearen interes intelektual hutsa–. Baiki, eleberriaren gaietako bat da erotismo hori, zehatzago, desioa bera –"desioa da kontua, baieztatze-desioa, liberazio-desioa, bere osoan ezagutu nahi du bizia, porrota barne"–. Baina interes intelektual hutsagatik soilik justifika daiteke pelikula aspektu horretara mugatu izana. Ezen, bestela, eleberria askoz ere aberatsagoa, askoz ere konplexuagoa, askoz eta betegarriagoa baita. Erotismoa, desioa, sexuan hastea, sexuan haste inozo bezain perbertitua. Harreman hori, hamabost urteko neskaren eta merkatari txinatar gaztearen artekoa, berandu gabe debeku sozial eta eskandalu publiko bihurtzen dena. Jendearekiko harremana, orobat, adiskideekiko, nebekiko, batez ere amarekiko harremana: "Nire haurtzaroari buruzko kontakizunetan (…) esango nuke gure amarengana sentitzen genuen maitasunaz aritu naizela, baina ez dakit harengana orobat sentitzen genuen gorrotoaz aritu naizen, edota elkarrengana sentitzen genuen maitasunaz eta gorrotoaz". Azken finean: "Ikastaldi baten kontaketa dugu, zalantzarik gabe, emakume izaten hasten den emakume batena". Rosa de Diegoren hitzaurretik, berriz: "Maitalea, 1984an Goncourt saria irabazi zuena, mugarri dugu Marguerite Durasen idazkuntzan, bai izan zuen arrakastagatik, baita bere literatur bilakabidean idazkera autobiografikoaren bidea ere abiatu zelako". Oso maite duzun idazlearen literaturarekin batere zerikusirik ez duena –eta akaso horregatik gustatuko litzaioke benetan idaztea, ezin idatzi izango duelako sekula–, baina irakurketa-maila bat baino gehiago eskaintzen duelako –ados, interes intelektual hutsagatik ere bai– irakurtzea merezi duena.
news
argia-c1aec54194b7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2558/kanpaldia-egin-dute-bizkaiko-zahar-etxeetako-langile-grebalariek.html
Kanpaldia egin dute Bizkaiko zahar-etxeetako langile grebalariek
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-06-12 00:00:00
Kanpaldia egin dute Bizkaiko zahar-etxeetako langile grebalariek Gizarte-zerbitzuetan lan duina eskatzeko egin dute hiru eguneko kanpaldia zahar-etxeetako langileek asteburuan Bilbon, Arriaga antzokiaren alboan jarritako karpan. "Kanpaldia aprobetxatu nahi dugu eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari eta sektoreko patronalei gure eskariei erantzuteko, plantillak handituz, lan-kargak gutxituz eta lan-baldintzak hobetuz. Lan-baldintzak oraintxe bertan hobetu behar dira, langileei eta erabiltzaileei bizi-kalitate duina bermatzeko", adierazi du ELA sindikatuak. Hamabost hilabete daramatzate langileek greban, eta dagoeneko 200dik gora lanuzte egin dituzte. Oraingoan aldarrikapena kalera atera eta herritarrei beren gatazkaren berri emateko baliatu dute kanpaldia. 1.200 euroko soldata, asteko 35 orduko lanaldia eta igandeko plusa igotzea dira, besteak beste, grebalarien eskakizunak, Ainhoa Menendez grebalarien ordezkariak adierazi duenez. Hainbat eragile eta norbanakok babestutako kanpaldia Gizarte eragile eta norbanako bat baino gehiago gerturatu dira Arriagara asteburuan babesa ematera. Bertan izan dira Irantzu Varela eta Josebe Iturriotz militante feministak, Babestu zahar-etxeetako erabiltzaileen senideen elkarteko kideak, EH Bilduko ordezkariak, esaterako, eta ekitaldietan parte hartu dute Bernardo Atxagak, Garik, Puro Luegok edo Las Kapritxosas clown taldeak.
news
argia-7d31c00f4aec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/1991tik-lehendabizikoz-euskararen-erabilpenak-gora-egin-du-nafarroan.html
1991tik lehendabizikoz euskararen erabilpenak gora egin du Nafarroan
Euskalerria irratia
2017-01-20 00:00:00
1991tik lehendabizikoz euskararen erabilpenak gora egin du Nafarroan Joera berria azaldu du Inkesta Soziolinguistikoak: herritarren %6,6 aritzen dira euskaraz gaztelaniaz adina edo gehiago: %51 eremu euskaldunean; %3, eremu mistoan. Gazteak dira gehien euskaldundu direnak: egun, 16-24 urte arteko lau gaztetatik bat euskalduna da Nafarroan, hau da, %26. 1991an, %10 besterik ez ziren. Inkesta Soziolinguistikoa bost urtean behin egiten da Euskal Herri osoan. Nafarroako datuen berri eman, eta datozen asteetan aurkeztuko dituzte parlamentuan. Nafarroan, maiatzean egin zuen landa lana Ikertalde enpresak, hain zuzen ere, euskararen inguruko bi polemika piztuta zeudenean: Lan Eskaintza Publikoaren eta euskarazko haur eskolen ingurukoak. Garrantzitsua da datua, biek ala biek eragina izanen baitzuten emaitzan. Gero eta herritar gehiagoren ahotan Ezagutzari dagokionez, herritarren %23 dira orain euskaldunak, hau da, orain dela 25 urte baino bederatzi puntu altuagoa da zifra: %14koa zen, 1991an. Elebidun hartzaileek ere gora egin dute, izan ere, %10 dira orain; lehen, %5. Gazteak dira aldaketaren giltzarria16-24 urte artean, %26 dakite euskaraz; 1991an, %10 baino ez ziren. Antzeko gertatzen da 25-34 urterekin, %19 dira euskaldunak; 1991ean, %7 baino ez. Inondik inora, hobekuntza nabari da. Iruñerria: pixkanaka euskalduntzen Nafarroako hiriburuan, Iruñean, herritarren %10ek dakite euskaraz; gazteen artean, berriz ere, askoz hobea da datua: %25era egin du gora ehunekoak. Eremu mistoa osotasunean hartuta ere, antzekoa da datua: %11koa da euskararen ezagutza; gazteen artean, %27koa. Datu baikorrenak eremu euskaldunean daude, herritarren %61 euskalduna izaki, eta gazteen %90. Eremu ez mistoan dago euskara larrien, %7 dakite euskaraz, gazteen artean, %12. Etxeko hizkuntza ez izan arren... Euskara etxean jasotzen zuten nafar euskaldunen %77k, 1991n: orain, %48k. Beherakada positiboa da, baina, euskara ama hizkuntza ez duten hiztunek eta euskaldun berriek euskarara jo dutela adierazten duelako, etxeko hizkuntza ez dutenak ere euskararen alde lerratu direla. Sekula baino dirdira handiagoa Sekula izandako erabilera datu onenak azaldu ditu ikerketak: herritarren %6,6 euskaraz aritzen dira erderaz adina. Eremu euskaldunean, %51 aritzen dira euskaraz, normalean; mistoan, %3. Zalantza aurkakotasun bihurtuta Handitu egin da euskararekiko aurkakotasuna: 2011ko datuekin konparatuta, lau puntu gutxiago daude euskararen alde. Eremu mistoan, %43tik %36ra jaitsi da babesa, zalantzati daudenak igota: %27 izatetik, %31ra pasa dira. Eremu ez mistoan, aldiz, dudan daudenak dira jaitsi direnak, kontrakoak handitu bitartean: %59 daude kontra -orain urte hogeuta bost urte, %46 ziren-. Euskararen Plan Estrategikoa Gaur, gainera, Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez onartu du adierazpen bat euskarak "Nafarroaren berezko ondare gisa" duen garrantzia nabarmenduz, eta hizkuntza honen "politizazioaren" aurka. Euskararen Nafar Kontseiluak, halaber, Euskararen Plan Estrategikoaren behin betiko testua onetsi du, herritarrek parte hartzeko prozesuan egindako alegazioak nahiz ekarpenak jaso ondoren; azaroan amaitu zen prozesua. Guztira, planak 259 proposamen jaso zituen, eta % 65 onartu zituzten. Nafarroako Gobernuak plana laster batean onartzea espero da. Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
news
argia-f1f55a1c8670
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/joxe-elorrieta-elako-idazkari-nagusi-ohia.html
"Zergatik tematzen da Sortu EAJrekiko akordioan, honek ez badu nahi?"
Xabier Letona
2017-01-29 00:00:00
"Zergatik tematzen da Sortu EAJrekiko akordioan, honek ez badu nahi?" Munduko zortzi pertsona aberatsenek 3.600 milioi pertsona txiroenek beste dutela jakitera eman du Oxfamek. Errealitate horri bete-betean erantzuten dion liburua argitaratu berri du Joxe Elorrietak (Loiu, Bizkaia, 1951). Emango du zeresanik. Besteak beste burujabetza soziala akuilatuko duen ELAren eta LABen jarduera batasunaren itzulera grinaz aldarrikatzen duelako: "Ezinbestekoa da". Egoerari aurre egiteko errezeta argia bezain tinkoa da: aliantzak eta borroka. Zurea zergatik da korrontearen aurkako begirada sindikala? Kasu honetan berdin da begirada edo estrategia erabiltzea. Begirada hori korrontearen aurkakoa da hainbat arrazoirengatik. Bat, neoliberalismoaren aurkakoa delako. Bi, Mendebaldeko gehiengo sindikalak gaur egun duen ikuspegi sindikalaren aurkakoa delako. Eta hiru, Euskal Herrian badagoelako bestelako gehiengo sindikal bat, ELAk eta LABek osatzen dutena, oso konprometitua errealitate nazional eta sozialarekin, eta hauen jarduera sindikala bilaka daitekeelako borroka eredu berri baten ardatz eta akuilu, egungo indar harremanak aldatzeko gai izan daitekeena. Salbuespenak salbuespen, mundu politiko eta sindikalean hori ez da aintzat hartzen eta horregatik ere begirada hau bada korrontearen aurkakoa. Azpitituluan hiru kontzeptu aipatzen dituzu: klasea, lurraldea eta aliantza berriak. Hiru esparru horiek funtsezkoak dira borroka eredu berria finkatzeko. Batetik, euskal sindikalismo horrek klase ikuspegian oinarritzen du bere eguneroko jarduera. Instituzioen legitimitatea eta babesa baino, langileen hurbiltasuna eta legitimitatea bilatu behar da, eta hauek hori egiten dute. Jakina, neoliberalismoa hegemonikoa da, eta batzuetan galdu egiten da, baina hori da pedagogia, borroka eta konfrontazioa. Hori da liburuaren helburua: diren zailtasun guztiak kontuan hartuta, ELA eta LABen gehiengo sindikala berriz abiaraztea Azpimarratu nahi dut baita ere lurraldea, azken urteetan ELAren eta LABen sindikalismoak hazten jarraitzen duelako, baita Nafarroan ere; lurralde honetan gertatzen ari dena oso interesgarria da, UGT –%25 orain eta %36 1993an–eta CCOO atzera doaz eta, ostera, ELA eta LAB aurrera. Ezkerrean sarri ematen da lokala eta globalaren arteko eztabaida, eta [David] Harvey moduko autore erreferentzialek diote borrokatu behar dela okupatzen duzun lekua, eskala espazialetan gora egiteko oso garrantzitsua dela bakoitzaren espazioa politikoki eta sozialki ondo osatzea. Zer falta zaigu? Aliantzak, hori da ez duguna. 90eko hamarkadan egin zen bi sindikatuen arteko saio bat, oso erreferentziala eta indartsua, baina bertan behera gelditu zen. Zer gertatuko zen prozesu hark aurrera jarraitu izan balu? Hori da liburuaren amaieran mahai gainean jartzen dudana;eta horik, halaber, liburuaren helburua:diren zailtasun guztiak kontuan hartuta,gehiengo sindikal hori berriz abiaraztea. Argazkia: Dani Blanco Neoliberalismoak langile klaseari ekarri dion atzerakada handia aipatzen duzu, baina Euskal Herrian ez dirudi hori garrantzitsua denik. Politikaren eremutik begiratuta, neoliberalismo hori sostengatzen duten alderdiek samur irabazten dute. Begira EAJ. Lagun psikiatra batek dio neoliberalismoa perbertsoa dela eta ados nago. Perbertsitatea ez da bakarrik txarra izatea, da baita ere barrutik ezin dela aldatu. Neoliberalek pentsatzen dute errealitatea haiena dela eta ez dagoela beste errealitaterik. [Margaret] Thatcherrek argi esan zuen: "Ez dago alternatibarik", eta espazio batzuetan lortu dute ideia hori finkatzea, baita sindikalismo nagusian ere. Behin galdetu zioten ea zein zen bere lorpenik handiena eta argi esan zuen: "Sozialdemokraziak gure programa onartu duela". Nirekin ekonomia ikasi zuen pertsona ongi kokatu batek zera esan berri dit: "Baina Joxe, ez duzu ikusten errealitatea non dagoen? Ez duzu ikusten zuek mendira joan zaretela?". Hori irabazlearen pentsamendua da eta, beraz, zera erantzun nion: "Nirea galtzailearen ikuspuntua da, baina oraindik badut esperantza". Batzuek nahi dute EAJ Maltzagara joatea, baina EAJk bere aliantzak estatuko indar sistemikoekin egiten ditu, PSOE eta PPrekin, eta arlo sindikalean, posible bada, UGT eta CCOOrekin EAJren arrakasta aipatzen duzu, eta bai, hala izan da, baina parlamentuan gehiengo osoa izateko lehenbiziz bi indarrekin egin behar du ituna eta ez bakar batekin. Baina EAJren egoera ona ez dator bakarrik bere emaitzatik, egoera pribilegiatua du bai PSOEk eta bai Sortuk berarekin akordioa egin nahi dutelako. Sortuk, esaterako, Arabako Diputazioko aurrekontuak onartu ditu, hauek ez dutenean aldaketarako ikuspegirik. Nafarroan antzera: zergatik EH Bilduk ez du esaten ez direla onak, baina hala ere onartu egiten dituela? Hori pedagogikoagoa litzateke. Hala ere, eta politikoki eraginkorra ez bada ere, EH Bilduk eta Ahal Duguk EAJk baino parlamentario gehiago dituzte. Langileen eskubideetan, eta denboran kokatzeko, noraino egin da atzera? Grafikoki esateko, kapitalismoaren aurreko fasera heldu gara, haren fase zakarrenera. 1901etik 1909ra AEBetako lehendakari izan zen Theodore Rooseveltek zera esaten zuen orduko diru pilatze eta aberatsen botere ekonomikoaz: "Baroi madarikatuak!". Gaur egun ezinezkoa da irudikatzea sistemako politikari bat halakoak esanez. Tomas Piketty ekonomilariak desberdintasuna aztertu du bere liburu ospetsuan [ Le Capital au XXIe siècle eta bere ustez XX. mendeko 40ko hamarkadara itzuli gara desberdintasunari dagokionez. Argazkia: Dani Blanco Bigarren Mundu Gerraren ostean ongizatearen estatua eraiki zen Europan. Hainbat fenomenoren ondorio izan zen hori, besteak beste Gerra Hotzarena, baina baita sindikalismoak egindako borrokarena ere. Lana eta kapitalaren arteko borroka horretan, orain zein fasetan gaude? Orain sindikalismoa galduta dago. Ikusten du ezin dituela lortu garai bateko helburuak bere ohiko tresnekin, negoziazio kolektiboa eta abarrekin, baina ez du bere jokaera aldatzen, eta harrapatua dago. Sindikalismo espainiarra, esate batera, CCOO eta UGT, erabat harrapatuak daude. Alemanek eta britainiarrek, adibidez, baliabide ekonomiko ugari dituzte eta zerbait egiten dute. UGTk eta CCOOk ez dute ezer, Estatuaren laguntza ezinbestekoa da haien biziraupenerako. Botere ekonomiko eta politikoari interesatzen zaie hauek egotea eta mantenduko dituzte, baina subjektu aldarrikatzaile gisa hilda daude. Generoa, ingurumena, multikulturalismoa eta arrazakeriaren aurkako jarrera… Sindikalismo klasikoak horiek ez dituela behar bezala jorratu diozu eta kritika egiten diozu zuen buruei. Fordismoaren garaian genero borroka aintzat ez hartzea sindikalismoaren akats estrategiko nagusia izan da. Onartu zuen emakumezkoa lan merkatutik kanpo uztea, emakumea etxera eta familiara zokoratuz; eta baita haren lan bazterketa ere, lan berdina eginez soldata gutxiago jasotzea, adibidez. Nire adinekoek ezagutu dugu hori. Gai hau sakon jorratu duen Nancy Frasser-ek esaten du sozialdemokraziak bere proiektutik kanporatu zuela emakumezkoa. Beraz, argi ikusten dut sindikalismoak lehen mailako aliatutzat hartu behar duela genero ikuspegia lantzen duten emakumeen mugimendua. Ingurumenaren gaiak ere hartu behar du zentralitate bat, sindikalismoak ez zuen kontuan hartu hazkunde ekonomiko honen bidez planeta hondoratuko zela. Klima aldaketaren gaiarekin oso garbi ikusten da hori eta hau ukatzen dutenak oso gutxi dira jada. Orain ikusi beharko da Donal Trumpen etorrerarekin zer gertatzen den. Etnien ikuspegiari dagokionez, [David] Harvey-k dio kapitalismoak erabili duela espazioa langileen arteko desberdintasunak sortu eta hauek menperatzeko: arraza, erlijioa, hizkuntza.. AEBetan, dena den, sindikalismoaren zati batek eta Luther Kingen arrazakeriaren aurkako mugimenduak aliantza indartsua izan zuten. ELAren eta LABen arteko batasun sindikala proposatzen duzu soberanismo soziala bultzatzeko. Zergatik orain? Neoliberalismoaren oldarraldia inoiz baino gogorragoa delako azken urte hauetan. Adibidez, aurreko legealdian EAJk akordio bat egin zuen patronala eta gutxiengo sindikalarekin gehiengo sindikala baztertzeko. Iragan udako kontua da hori. Urkullu lehendakariak dio sindikatuek ez dutela legitimitaterik espazio politikoa eta soziala aldarrikatzeko, lan esparrura mugatu behar dutela. Inoiz ez da halakorik gertatu. Hori sasi sindikalismoa da. Sindikalismoaren historian ardatza izan da baldintza politiko eta sozialak aldatzea. Zer gertatzen da? Konturatu dira hauteskundeen bidez ez dela posible eredu sindikala aldatzea, hemen nagusi ELA eta LAB direlako. Orduan zer? Bide horretatik ezin bada, beste batzuk erabiltzen dituztela arauak aldatu eta sindikatu nagusiak ikusgarri izan ez daitezen. ELAren eta LABen konbergentziarako oztopo nagusia honakoa da: lehentasun instituzionala baztertu behar da agenda politikotik, autonomia sindikala eta soziala maila guztietan onartuz Azken urteetan bereziki, EAJ ahalegin berezia egiten ari da enpresariengana hurbiltzeko, bere marka-irudia da hori egitea. EAJren irudi neoliberala batez ere zerga politikan ikusten da, ez da ahaztu behar Bruselak zigortu egin zuela "opor fiskalen" auzian. Europar Batasuneko batez bestekoa baino zazpi puntu beherago dago EAEko presio fiskala: hori 6.000 milioi euro da (Nafarroan 1.600 milioi lirateke). Aurrekontuetan ere argi ikusten da. Nola kontrolatzen da defizita? Osasun eta hezkuntza sailetan –handienetan– murrizketak eginez. Argazkia: Dani Blanco Hortik abiatuta, EAJren desertzio nazionala aipatzera ere iristen zara liburuan. EAJ logika neoestatutista baten barruan dago. Euren helburu nagusiak hauek dira: eskumen gehiago jasotzea orain baino segurtasun juridiko handiagoarekin, hori bai, beti Madrilek finkatzen dituen mugen barruan. Ez nabil ezer ondorioztatzen, hori da haiek esaten dutena. Ez dago beste plan alternatiborik. Logika horretan, negoziazioa planteatzen dute eta mahaian adosten dena herritarrei eramaten zaie onartzeko edo ez. Herritarrek ez dute beste zereginik eskema horretan. Batzuek nahi dute EAJ Maltzagara joatea, baina EAJk bere aliantzak estatuko indar sistemikoekin egiten ditu, PSOE eta PPrekin, eta arlo sindikalean, posible bada, UGT eta CCOOekin. Urkulluk argi esan du, fase politiko berri baterako ez dela beharrezkoa Konstituzioa aldatzea. Orduan, EAJk Maltzagara joan nahi ez badu, zergatik tematzen da Sortu EAJrekin akordio historiko bat lortu beharrarekin? Ez dago baldintzarik horretarako. Euskal Herria Bidean agirian Sortuk esaten zuen bere zeregina zela mapa instituzionala aldatzea. Hauteskundeen logikatik kanpo, zer esan nahi du horrek? Eta pentsa liteke erabiltzen dela Maltzaga aitzakia gisa beste gauza bat lortzeko: mapa instituzionalari lehentasun bat emateko. Liburuan diozu Maltzagaren bideak ez duela balio. Zergatik? Pozgarria da Nafarroako Gobernuaren balorazioa egiterakoan ELAk eta LABek erakutsi duten posizio kritiko eta bateratua EAJk ez duelako hara joan nahi eta, hortaz, hara joateko baldintzarik ez dagoelako. Badakigu prozesu nazionalak behetik hasita egin behar direla, gizartea kontuan hartuta, baina ezin da prozesu nazionalari buruz hitz egin neoliberalismoa aztertu gabe. Eraikuntza akademiko bat izan daiteke hori, baina neoliberalismoa eztabaida nazionalaren zentroan dago. Aztertu ondoren zer egin? Hori beste eztabaida bat da, baina egon hor dago eta diagnostikoan egon behar du. Planteamendu soberanista batzuk aipatu ere ez dute egiten neoliberalismoa: behetik hasi behar dela, denen artean, borondate onarekin… Orduan zer, errealitate hori ezabatu egiten da eta listo? Hori guztia ondo aztertu behar da, are gehiago kontuan hartuta errealitate sindikalak noraino lagun dezakeen indar harremanak aldatzen. Eta hor jartzen dugu guk ELAren eta LABen jarduera batasuna. Gure Esku Dago dinamikak, adibidez, neoliberalismoaren irakurketa hori bazterrean utzi nahi du? Ez naiz kontu horretan sartuko. Behe mailan egiten den guztia ondo dago, etorkizunerako kapital metaketa da. Katalunian, aldiz, Maltzagaren ideian gauzatzen ari dira beren prozesu independentista. Bai, hala da, baina ez dirudi Urkullu eta EAJ oso ados daudenik hangoarekin. Ezin da ukatu teorikoki Maltzagaren ideia aukera bat dela. Baina Katalunian zergatik gertatu da prozesu hau? Dudarik gabe, Pujolen alderdia aldatu delako. Euskal Herrian errealitatea ez da hori. Horregatik esaten dut lehen fase honetan burujabetzarako indar metaketa EAJ gabe egin behar dela. Beste fase batzuk ere beharko dira eta, hor bai, abertzale guztien beharra izango da. Zein ardatzen inguruan egin beharko litzateke jarduera hori? Historia eta kultura desberdineko sindikatuak dira ELA eta LAB eta, beraz, prozesu horretarako bidea honakoa litzateke: bi sindikatu eta estrategia bat. Bateratasun horren ardatzak hauek lirateke: eredu sindikal bateragarria; eguneroko jardunarekin koherentea izango den ezkerreko praktika; eta prozesu soberanista argi bat, bere alde nork egiten duen eta zein gai jorratuko dituen argi identifikatuko dituena. ELAk dagoeneko proposatu dio LABi hiru esparrutan eragina izango lukeen elkarlan egonkorra. Bat, esparru sindikala: negoziazio kolektiboan erantzun eraginkorra izango dena diseinatu behar da, izan diren lan erreformei –bereziki 2012koari– erantzun egokia emateko. Bi, esparru soziala: neoliberalismoaren aurkako proposamenak eta mobilizazioak prestatzeko. Hiru, esparru politikoa: gizarte ereduaren inguruan egituratuko den proiektu soberanista marrazten joateko. Neoliberalismoa nagusi da, bale, bai munduan eta bai hemen, baina ez da garaitezina Zure ustez zergatik ez da gauzatzen ELA-LAB jarduera batasuna? Bi arazo daude. Sindikatu bakoitzak bere kultura eta moldeak ditu, bestela sindikatu bakarra izango ginateke, eta ez da hala. Negoziazio kolektiboa era desberdinean ikusten dugu, adibidez. Lan erreformaren aurrean ere ñabardurak izan dira bien aldetik. Baina oztopo nagusia konbergentziarako honakoa da: lehentasun instituzionala baztertu behar da agenda politikotik, autonomia sindikala eta soziala maila guztietan onartuz. Gramscik-eta argi diote eta ni ados nago: bi fronteetan borrokatu behar da, sozialean eta instituzionalean, eta borroka hori dialektikoa da. Zer esan nahi du horrek? Hainbat unetan kontraesanak sortuko direla bi fronteen artean, eta hori kudeatu egin behar dela. Kontua da ez egotea bata bestearen menpe. Une honetan zuk ez duzu Ezker Abertzalea –zuk ENAM deitzen duzun hori– aukera horretan ikusten. Bere antolaketa moldea aldatzen ez badu ez, hor baitaude Sortu, LAB eta Ernai, eta agirietan argi utzi dutelako estrategia eta lidergo politikoa Sortuk eramango duela. Horrez gain, azken hauteskundeetan ikusi dugu EH Bilduk EAJrekin akordioetara iristeko egin duen ahalegina. Bestetik, pozgarria da Nafarroako Gobernuaren balorazioa egiterakoan ELAk eta LABek erakutsi duten posizio kritiko eta bateratua. Hitz egin duzue LABekin kontu hauei buruz? Ez da nire kontua horretaz hitz egitea, baina nik oso aspaldi esan nuen: bi erakunde, ELA eta LAB, eta estrategia bakarra. Gure garaian ez genuen lortu. Liburuan kritiko ageri zara sindikalismo klasikoak generoa, ingurumena eta multikulturalismoa jorratu dituen moduaz. Zein leku dute gizarte mugimenduek burujabetza sozialaren bide horretan? Asmatu beharko da generoa, ingurumena eta multikulturalismoa lantzen dutenekin edo gainerako gizarte mugimenduekin zer nolako aliantzak egin behar diren zehazteko. Aliantza politiko horiek guztiak ondo jostea ezinbestekoa da, kontua da nola. Eta kontua ez da sindikatuak esaten duena egin behar dela, baizik sindikatuak askatasuna behar duela pentsatzen duena esateko eta egiteko. Edozein modutan argi izan behar dugu borroka dela aliantza horiek josteko biderik eraginkorrena, gizartea aldatzeko borroka ezinbestekoa dela. Borroka deslegitimatzeko neoliberalismoak "antisistema" kontzeptua erabiltzen du gero eta gehiago: bada bai, sistema honen aurkakoak gara eta indar harremanak aldatu nahi ditugu. Eta gaur egungo Euskal Herrian posible ikusten duzu halako prozesu bat? ELA eta LABen konbergentzia? Posible ez, derrigorrezkoa da, eta ez bada ematen ez dago indar metaketarik. Ez dut ulertzen indar harreman berri bat behar dela esatea eta euskal sindikalismoaren potentzialitatea ez baloratzea. Manifestazioak gure militanteekin egoteko baliatzen ditut, eta hauek badakite egoera oso gogorra dela, baina motibazioa eta ilusioa dute. Haiei eskaini diet liburua: "ELAren laugarren belaunaldiko emakumezko eta gizonezkoei, euskal langile klasearen alde daramaten borroka irmoagatik". Nire jubilazioko gauza ederrenetakoa izan da ikustea nola aldatu den egoera azken hamar urteotan eta, hala ere, gure jendeak zer indar eta potentzialitatea duen. Neoliberalismoa nagusi da, bale, bai munduan eta bai hemen, baina ez da garaitezina.
news
argia-8e890e23bad4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/zeliakoak.html
"Glutenik gabea" etiketaren bila
Irati Sarasua Arabaolaza
2017-01-29 00:00:00
"Glutenik gabea" etiketaren bila Elikagai askotako etiketan aurkitu dugu esaldi hori azken boladan. Modan jarri da glutenik gabe jatea, adituen arabera osasuntsua ez bada ere. Aldiz, zeliakoentzat ezinbesteko dieta da, bizi osorako. Glutena ukitu duen elikagaiak ere min egiten baitie gorputzean, askotan ohartu gabe ere. Egunerokotasuneko oztopo nagusia etxetik kanpo zerbait jatean sortzen zaie Nerea Segura eta Nerea Ojueli. Biak dira zeliakoak, hau da, glutenari intolerantzia iraunkorra diote biek. "Hainbat lekutan glutenik gabeko plater edo pintxoak dituztela diote, baina ez da eskaintza handia izaten. Lagunek bat-batean kalean jateko esaten badidate arazoak sortzen dira, kontu handiz ibili behar izaten dudalako jaten dudan horrekin", nabarmendu du Segurak. Bera dietista ere bada eta azaldu digu glutena duen zerbait jatean bi erreakzio izan ditzaketela zeliakoek: Sintomak dituztenak daude batetik, eta bestetik sintomarik ez dutenak, 8tik 7 multzo honetakoak dira. "Sintomak dituztenek oso erraz jakingo dute glutena jan dutela, digestioa egin bezain laster, asintomatikoek, aldiz, ez, baina lesioa berdin-berdin egingo die". Ojuelek azaldu digu berak halako kasuetan berehala, 30 minuturen buruan, jakiten duela, sintomak izaten baititu. Sintoma ohikoenak beherakoa eta goragalea izaten dira. Biek nabarmendu dute azken urteotan jatetxeetako eskaintza izugarri handitu dela eta horrek asko erraztu diela guztia. "Duela 10 urte zeliakoa nintzela esaten nuenean azalpen gehiago eman behar izaten nituen, orain, askotan, badakite zer den, eta beraz, zer eskaini", dio Ojuelek. Euskal Herriko jatetxe edota tabernetan geroz eta formazio handiagoa dutela uste dute biek, hainbatetan hankamotz ikusten badituzte ere. Bada gaia ongi ezagutzen duen sukaldaririk, Juani Paniagua kasu. Antzeko bizipenen ondorioz, duela 6 urte Lazkaon (Gipuzkoa) Orobione jatetxea ireki zuenean, hasieratik argi izan zuen zeliakoentzat gainontzekoentzako bezainbeste eskaintza izango zuela jatetxean. "4 urte lehenago zeliakia diagnostikatu zidaten. Kalean jateko nuen zailtasuna ikusirik oso argi izan nuen. Lagunekin edota familiarekin atera eta beti nuen edozein lekutara ezin joana, kontaminatzeko beldurrez". Guztia jatetxean bertan egiten du berak eta, esaterako, glutenik gabeko kroketak eta badutenak prestatzen ditu. Erabiltzen dituen saltsa guztiak ere glutenik gabekoak dira. "Jendea harrituta geratzen da, denetik topatzen duelako hemen". "Niretzako bazkaria prestatu dezakete, glutenik gabe, baina ez da hori bakarrik, niretzako patata frijituak egin aurretik glutena duen zerbait frijitu badute leku horretan, kontaminatu egiten naute" (Juani Paniagua, zeliakoa) Beti egin du lan ostalaritzan eta azken urteotan gauzak aldatu izango zirela espero du: "Leku oso onetan egin dut lan eta asko haserretu izan naiz gai honekin. Anekdota bat datorkit burura, Donostiako jatetxe oso ezagun batean ezkontza batean lanean ari nintzela ikusi nuen zeliakoa zen pertsona bat kontaminatzeko arriskua zegoela; sukaldariari esan nion, eta hark erantzun zidan ezkontzetan jendeak ez diela erregimenei jaramonik egiten. Zeliakoarengana joan nintzen eta ezer jan aurretik nirekin hitz egiteko esan nion". Azken egunotan Madrilen izan da eta zeliakoentzako menurik zuten galdetzean "ah, bai, zer zen jan ezin zenutena?" erantzun zioten. Kontzientzia eta interes falta dagoela uste du berak. "Niretzako bazkaria prestatu dezakete, glutenik gabe, baina ez da hori bakarrik, niretzako patata frijituak egin aurretik glutena duen zerbait frijitu badute leku horretan, kontaminatu egiten naute". Nabarmendu du dena aurretik izugarri garbitu behar dela, kontaminazio gurutzatuarekin ere kontu handiz ibili behar da eta berari beldur izugarria sortzen dio sukaldeetan egiten denak. Modako dieta askorentzat, ezinbestekoa zeliakoarentzat Geroz eta glutenik gabeko produktu gehiago dago. Modan ere jarri dira glutenik gabeko dietak, argaltzeko bide erraza direlakoan. Baina Segura dietistak azaldu digu hori ez dela horrela. "Tontakeria bat da. Hollywoodeko aktoreak horrela jaten hasi ziren, glutenik gabe jateak argaltzen zuela argudiatuta, eta ideia hori zabaldu egin da". Azaldu digu AEBn nola jaten duten ikusita, pizzak eta hanburgesak euren dietan duten lekua ikusita, eta dieta zeliakoan horiek jan ezin direla kontuan hartuta eragingarria izan litekeela, azken batean, barazki gehiago jatera bideratzen zaituelako. Aldiz, gurean aldaketak ez dira onuragarriak dietistaren hitzetan. "Ogi arrunta glutenik gabeko ogi bategatik aldatzen badugu, esaterako, ikusiko dugu zeliakoen produktuak nutrizionalki askoz ere okerragoak direla, grasa gehiago dute, azukre kopuru gehiago, eta beraz, argaltzeko bide egokiena ez da hori". Tratatuak dauden elikagaiekin izaten dute arazo gehien zeliakoek, ondorioz, horiek saihesten saiatzen dira, janari prozesatuek glutena izatea ohikoa delako. Zaporeak indartzeko ere erabiltzen dute glutena gaur egun hainbat produktutan. Bea Manzanaresen hemeretzi hilabeteko semea, Aiur, zeliakoa da. Azken lau hilabeteotan eginiko froga ezberdinek ondorioztatu dute hori. Orain eurei egingo dizkiete frogak, semea bezala familiako gainerako kideak zeliakoak diren jakiteko. Ohikoena sintomak haurtzaroan agertzea bada ere, bada ia bizitza osoa sintomarik gabe pasa eta zahartzaroan azaleratzen zaizkionik. Manzanares, zeliakoen munduan murgildu berritan, harrituta geratu da bereziki zeliakoen janariaren prezioarekin. Hiru edo lau aldiz garestiagoa "Oso garestia da. Bereziki ogia. Bimbo markako ogiak euro bat balio badu, 4 inguru balio ditu glutenik gabekoak, eta kopuru txikiagoa izaten da, lehenengoak kg1 badu, bigarrenak 400gr besterik ez ditu", azaldu digu Manzanaresek. Gaineratu du glutenik gabeko ogia erostea arazo bat dela, ogi freskorik ez dutelako aurkitzen. Guztiek nabarmendu dute supermerkatu gehienetan glutenik gabeko jakiak topatu litezkeela. Geroz eta produktu gehiago daude merkatuan, eta nahiz eta garestia izan normaltasunerako bidea hartu duela uste du Segura dietistak. Prezioari erreparatuta, Ojuelek azaldu digu hilabeteko erosketan zeliakoa izateagatik ehun euro gehiago gasta ditzakeela maiz. Datuen arabera, bataz beste 1.200 euro gehiago gastatzen dute urtean jakietan. "Beti egon behar duzu zer erosi eta zer ez begiratzen", gaineratu du Ojuelek. Tratatuak dauden elikagaiekin izaten dute arazo gehien zeliakoek, janari prozesatuek glutena izatea ohikoa delako. Zaporeak indartzeko ere erabiltzen dute glutena gaur egun zenbait produktutan Gaur egun, Europako arautegiaren arabera, glutena duten produktuetan etiketan agertu behar da baduela. Hori aurrerapauso bat izan da zeliakoentzat Seguraren hitzetan. "Hasieratik dakizu glutena duen ala ez, etiketan argi azaltzera behartu dituzte eta hori guretzat oso lagungarria da". Glutena produktu askotan erabiltzen dutela gaineratu du, egonkortzaile bat delako; kontserbagarrietan, koloregai edota lodigarrietan egon liteke, adibidez. Erregistro kodea duten etiketei dagokienez, beste ohartarazpen bat ere egin digu: "Zenbaitetan glutena izan dezakete, kontuz ibili behar dugu horrekin". Prezioei dagokionez, gaineratu du galletak eta pastak izaten direla garestienak eta, bere ustez, horiek erosteari utzita lortuko lukete erosketa-saskiaren aurrekontua jaistea, saiakera hori egitearen aldekoa da bera. Etiketen argi-ilunak Etiketak ongi begiratu behar direla dio Paniagua sukaldariak. Berari konfiantza gehien ematen dioten produktuak FACEren zigilua dutenak dira. Espainiako Zeliakoen Elkarteak gainbegiratuta daudela esan nahi baitu azken horrek. Gariaren gainean marratxo bat dutenen kasuan egileek diote glutenik gabekoa dela, baina elkarteak gainbegiratu gabekoak dira. Eta amaitzeko, badaude garia ez dutela diotenak, eta berez glutenik izan behar ez luketenak, baina izan ditzaketenak. Horiek dira zeliakoen arazo iturri nagusia. "Produktuak glutenik ez badu ere, hori ontziratzen duten lekuan, esaterako, aurretik glutena duten produktuak ontziratu ditzakete, eta beraz, produktua kontaminatuta egon liteke". Seguruenik horren eragina hortik gutxira sumatuko dute zeliako askok; Paniaguak azaldu digu berak goragalea, konbultsioak eta beherakoa izango lituzkeela jarraian. Bestalde, harrituta topatu dugu Segura dietista, azken aldian, modaren eraginez, supermerkatuetako produktu askotan "glutenik gabekoa" jartzen duelako, berez azalpena eman beharra ez dagoen horietan ere. "Ur edota olio botilak ikusi ditut etiketa horrekin, eta argi dago ez dutela glutenik, inoiz ez baitute izan". Modak onurak ere eragin dizkie zeliakoei, etiketak argiagoak direlako, eta informazioari dagokionez, aldaketa handia nabaritu dutelako protagonistek azken urteotan: "Nik duela 10 urte liburu batekin ibili behar izaten nuen zer jan eta zer ez jakiteko, azken urteotan, diagnostikatutako pertsona kopurua igo den neurrian informazioa errazago aurkitzen dugu guztiok", gaineratu du Ojuelek. Bera urtebete ingururekin diagnostikatu zuten, baina kostata, bi aldiz egon zen "beste mundura joatear", hor ere ikusi dugu aldaketa protagonistaren hitzetan. Ojuelek ingresatuta pasatu zuen garaiak ez du zerikusirik izan Manzanaresen semeari eginiko diagnostikoarekin. Hala ere, azken honek nabarmendu digu hasieran ama histerikotzat hartu zuela medikuak, eta astuna izatearen eraginez lortu zutela odol analisia semeari egitea. Zeliakoak lehen momentutik barneratzen duen irakasgaia da "astuna" izan beharra dagoela, arazoak saihestuko baditu; etengabeko borrokan bizitzen ikasi behar duela.
news
argia-87c59e745ac3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/miren-odriozola-internazionalista.html
"El Salvadorreko gerrak humanizatu egin ninduen"
Miel Anjel Elustondo
2017-01-29 00:00:00
"El Salvadorreko gerrak humanizatu egin ninduen" El Salvadorreko gerran izan zen, gerrillaren ondoan. Bertatik bertara zuzenean bizi izan zituen gerrak dakartzan oinaze, min, heriotza, izu eta beldurra. Hala ere, merezi izan duela dio dudarik gabe, salvadortarrak duintasuna irabazi duelakoan. Gerra hotsa aditzen da Miren Odriozolaren ahotsa aditzean. 1983an El Salvadorreko gerrara baino lehen ere borrokan ibilia zinen zu. Hara joan baino lehen Bilboko asanblada feministetan ibili nintzen, Basauriko emakumeen kasua ezagutu nuen, abortuaren aldeko borroka, eta hortaz, El Salvadorrera joan nintzenean, sentsibilizazio hori neraman. Baina han, jakina, lehenengo gauza gerra zen. Bazenekien han gerra zena. Bai, gerrara nindoala banekien, eta buelta asko eman nizkion buruari. Gerrara joanez gero, bertan hilko zaituztela pentsatuta joan behar duzu. Arriskua hor dela, bertan akabatzeko aukera handia. Sekula ez zara hori onartzera iristen, baina neurri batean janda eraman behar duzu, bestela ez dago hura eramaterik. Gerra zer den batere jakin gabe joan nintzen, pixkanaka-pixkanaka ikasi nuen. Pixkanaka-pixkanaka… Akordatzen naiz, joan berritan, kanpamenduan, bat-batean jendea korrika, denak ezkutatzera. "Zer pasatzen da hemen?", galdetu nion neure buruari. Segituan, abioia gainean. Bonba bota zuenean, lurrera nik neure burua. Bertakoek sentsibilizatuta zeukaten belarria. Abioiak San Salvadorretik irteten ziren orduko, haien zarata aditzen zuten. Nik ere ikasiko nuen gero, baina lehenengo hartan ez, hantxe geratu nintzen. Ezkutalekutik irten zirenean, esan zidaten: "Ondo balientea zara!", eta nik: "Balientea ez, ezjakin galanta!". Horrela ikasi nuen, eta hori bezala, gauza asko. Lehenengo astean, edozein lekutan egiten genuen lo, lurrean plastiko bat jarrita, hezurretako minez. Ohitu nintzen arte. Zer da gerra? Nola definituko nuke nik gerra? Goizean goizago jaikitzen ginen, eguna argitzerako, bestela abioiak etortzen zitzaizkigun gu bonbardatzera. Jantzi eta prest egon behar genuen, lasterkan alde egiteko ere. Formazioa egiten genuen egunero, geure arma eta guzti, eskuadrak osatu –logistika, osasuna…–, lanak banatu, eta bakoitza bere lanetara. Gu, adibidez, zaurituak sendatzen hasten ginen, gosariak ematen, botikak banatzen, gaixoak garbitzen… Arratsaldean, alfabetatze eskolak ematen genituen, edo sanitario [erizain] eskolak, edo politika ikastaroak, sexualitatekoak… Mediku gehienak internazionalista ginenez, ikastaro ezberdinak antolatzen genituen. Denetik egiten genuen, ahal zen bezala, eta uzten zigutenean, zeren batzuetan, alde batetik bestera ibili behar izaten genuen. Gerra zer den… Oso gauza gogorra da gerra. Goizean jaiki bai, baina ezin jakin iluntzean lotara etzango ginen, bizirik izango ginen. Hala ere, Chalatenangoko kanpamenduetan hainbeste lo ez dut bizitzan egin. Gerra kanpamenduetan hainbeste lo bizitzan ez? Ez. Arratsaldeko sei eta erdietarako iluntzen zuen. Eta argirik ezin piztu. Inoiz, etxetzarren baten baldin bageunden, kandelaren bat pizten genuen, irakurtzeko edo zerbait prestatzeko. Bestela, zer egin behar duzu, lo ez eta? Horrela izan zen hasieran, lehenengo urteetan. Gero, walkie-talkie-ak izan genituen, eta gauean deiak jasotzen genituen, soldaduen mugimenduen berri emanez, kanpamendua beste nonbaitera mugitu behar bazen edo. Argazkia: Dani Blanco. Esan duzunez, ezin jakin zenuten iluntzean bizirik izango zineten. Zenbat lagun dituzu hilak Chalatenangon? Asko, hangoak gehienak. Soldaduek bertako herritarrak akabatzen zituzten, asko. Salvadortarren artean baziren AEBetara emigratu zutenak, edo Hondurasko errefuxiatu kanpamenduetara jo zutenak, eta baziren bertan geratu zirenak, armadak gerrillaren kolaboratzailetzat hartzen zituenak, nahiz eta armarik gabe ibiltzen ziren. Baina soldaduek igual-igual akabatzen zituzten, sekulako sarraskiak egiten zituzten herritarren artean. Zaurituta libratzen zirenak, berriz, guregana etortzen ziren, han ez zegoen-eta bestelako laguntasunik. 1983an El Salvadorrera joan nintzenean gerrillak kontrolatzen zuen Chalatenangoko gunea. Goitik abioiak ibili bai, baina soldaduak ez ziren hara sartzen ausartzen. 1984ko abuztuan hasi ziren sartzen, eta herritarren artean sarraskiak egiten. Armadak bertako herritarrak hil zituen gehiena. Internazionalista batek baino gehiagok ere bertan utzi zuen bizia: Begoña, Alba, Blanca eta beste izen batzuk irakurri ditugu liburuan. Izen horien artean da garai batean Euskal Herrian ezagun egin zena: Pakito Arriaran. Venezuelan ezagutu genuen elkar, eta maitemindu egin ginen. Militante konprometitu eta integrala zen Pakito, oso pertsona heldua. Kritikoa zen oso, hitzaren esanahi onenean, besteekin ez ezik, bere buruarekin. Haren ondoan hazi egiten zinen. Feminismoaren inguruan ere eztabaidatu genuen. Halako sen bat zuen, oso gauza berezia. Gauza asko kontatu dizkiozu Leire Ibargureni liburuan. Tartean, Pakitoren heriotza. Herri bat hartu zuen gerrillak, Pakito tartean zela. Armadak ere gogor eraso zion, hango abioia eta hango fusila, eta bala batek hanka zeharkatu zion. Garai hartan gerrillak ez zuen botika askorik, eta armadaren erasoa eta gero Pakitok-eta ihes egin behar izan zuten, ezin bala zauri hura sendatu, hanka gangrenatu zitzaion arte. Moztu egin behar izan zioten. Makuluak hartuta ibiltzen ikasi zuen, jarri zen, eta beste borroka batean hil zuten, liburuan irakurri duzunez. Handik bi urtera Euskal Herrira etorri zinen, familiari berria xuxen eman zenion. Uste ez bezalako Euskal Herria ikusi zenuen. Hona ailegatu eta hartu nuen txokea! Ni aldatu egin nintzen han, baina hemengo jendea ere aldatu egin zen ni han nintzen bitartean. Joan baino lehen, Bilbon bizi nintzen, eta nire giroan, neska eta mutil, errentan hartutako etxeetan bizi ginen. Hona etorri nintzenean, denak etxea erosten ari ziren, edo autoa, eta oporretan ibilitako lekuez ari ziren… "Hau zer gizarte da, ordea?", galdetzen nion neure buruari. Atzera abioia hartu eta El Salvadorrera itzultzeko gogoa etorri zitzaidan. "Gerra baino lehen pertsonak ez zuen duintasunik El Salvadorren" Ez zinen momentuan joan, ordea. Ez, hau nire herria da, eta zer pasatzen ari zen jakin nahi nuen. Hilabete gelditu nintzen, eta gero bai, berriz joan nintzen El Salvadorrera. Bigarren aldiz 1989an etorri nintzen, baina hilabete ere ez nuen egin. Gizartea zeharo aldatuta ikusi nuen, erabat indibidualista zen jendea, materialista hutsa. Nik ez nuen autorik, ez nuela behar esaten nuen, eta hemen barre egiten zidaten, baita lagunek ere. "Ez al dun kotxea erosi behar?", "Kotxea erosi? Gasolina pagatzeko dirurik ere ez zeukanat!". Sei-hamar urtean gizartea guztiz aldatuta ikusi nuen. Baina esan dizut, ni neu ere aldatu egin nintzen han, asko. Hori ere bai. Hau aldatuta, hura ere aldatuta… El Salvadorreko gerra denboran egoera gogorra bizi genuen, baina gure artean elkar laguntzeko borondate handia zegoen, adiskidetasun izugarrizkoa, dena guztion artean banatzen genuen… Inoiz ezagutu izan ez dudan bizitzeko modu bat ezagutu nuen El Salvadorren, gerra garaian. Egoera gogor hark berak horretaraxe behartzen gintuela uste dut. Jendea oso alaia zen, nahiz eta hildakoak izaten ziren, eta nahiz eta negar egiten genuen. Baina alaia jendea! Gero, gerra bukatu zenean, ni hona etorri, urte eta erdi hemen egin, hara berriz joan, eta han ere jendea aldatuta ikusi nuen: triste zegoen jendea, triste. "Zer pasatu da hemen, ordea?", zen nire galdera, eta "Ez dugu lortu nahi genuena!", esan zidaten. Boterea nahi zuten, ez zuten lortu, zenbait gauza lortu arren. Akordatzen naiz galdetzen zidatela: "Eta hik, Laura, zer dion? Zer edo zer lortu dinagu, zer edo zer, baina lehen bezain pobre gaitun, eta agintean, berriz, beraiek ditinagu oraindik". Eskuinak agintzen zuela, alegia. Alderdi eta sindikatuak legezkoak ziren, baina jendea miserian bizi zen, alde horretatik gauzak ez ziren askorik aldatu. Galdetzen zidaten: "Lortu duguna lortuta, berriro etorriko hintzateke? Ikusita zenbat jende hil den, zenbat sufritu dugun… Berriro etorriko hintzateke?". Argazkia: Dani Blanco. Eta zure erantzuna? "Bai, dudarik gabe etorriko nintzateke. Ez daukat batere dudarik!". "Zer, bada?", beraiek, eta nik: "Pertsonaren duintasuna lortu dugu!". Gerra baino lehen pertsonak ez zuen duintasunik El Salvadorren. Etortzen ziren soldaduak edo heriotza eskuadroiak, hartzen zuten jendea, eramaten zuten bide bazterrera, tiroa jo eta ez zen ezer gertatzen. Esaten nuen: "Gaur ere gertatuko dira horrelakoak, baina lanean aurrera segitzeko leihoa ireki dugu, eta gauza batzuk ere lortu ditugu". Orain beste problema bat dugu, marak [gazte banda armatuak] etorri dira, salvadortarrak, gerra garaian AEBetara joan, eta gero itzuli zirenak. Armak dituzte, eta mehatxua, lapurreta eta hilketa besterik ez dute ibiltzen. Egoera oso txarra da, baina erregio osoan da txarra egoera. El Salvador gaizki, Guatemala okerrago dago, Honduras zer esanik ez… Nikaragua dago hobeto. Internazionalistarik gabe, El Salvadorreko gerrak aurrera egingo zuen? Bai, aurrera egingo zuen, baina beste era batera. Internazionalistek sekulako ekarpena egin zuten osasungintzan, mediku, zirujau eta laguntzaile asko izan zelako. Beste maila batean ere, gerra nola eraman aholkulari jardun zuen zenbait jendek; txiletarrak, adibidez. Internazionalistak gabe, gerrillak aurrera egingo zuen, baina material gutxiagorekin eta gaizkiago. Merezi izan du? Bai, dudarik ez, dudarik ez! Hemezortzi urtean, hauteskundeak irabaztea lortu zuen Fronteak [Farabundo Marti Askapen Frontea]. Kristorena izan zen hori niretzat. Orain agintean daudenak, presidentea-eta, gerrillari izan ziren. Eta hona ere ailegatuko da hori, badut esperantza. Hainbeste urte eta gero, zertan aldatu zaitu El Salvadorrek? Gezurra badirudi ere, uste dut El Salvadorreko gerrak humanizatu egin ninduela, asko. Gerrak humanizatu? Gaztetan hemengo borrokan ibili nintzenean amorrua sentitzen nuen, poliziaren kontrako amorrua, adibidez. Han, berriz, iruditzen zitzaidan soldaduak gizajo hutsak zirela –batzuk, behintzat–, eta galdera egiten nuen: "Horiek zergatik daude hor, eta gu hemen, denak herri batekoak izanda! Eta batak bestea hiltzen!". Neure buruak esaten zidana: "Zirkunstantzia askok eraman naute ni alde honetara, eta nire aurrean dagoen soldadu hori ere zirkunstantzia askok eramango zuten alde horretara". Erlatibizatzen ikasi dut, eta horrek amorrua desegiten lagundu dit. Gerran erabat aldatzen da pertsonaren filosofia, gauza askoren gainean pentsatzeko modua. Gerran bizitza eta heriotzaren artean bizi zara, eta egoera horretan bizi beharrak bizitza sakon bizitzeko indarra ematen du.
news
argia-fa4c3f92cb35
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/euskal-herri-elkargoa-abian-da-jean-rene-etchegarayren-presidentziapean.html
Hirigune Elkargoa abian da, Jean-Ren� Etchegarayren presidentziapean
Mikel Asurmendi
2017-01-24 00:00:00
Hirigune Elkargoa abian da, Jean-Ren� Etchegarayren presidentziapean Hirigune Elkargoa osatu da. Frantziako Iraultza ondorengo lehen instituzio politikoa Ipar Euskal Herrian martxan dago. Jean-René Etchegaray da lehen presidentea, hautetsien gehiengoak hala erabakita. 231 hautetsi bildu ziren atzo Baionako fakultatean. Anfiteatroa guztiz bete zen. Hego Euskal Herriko instituzioetako ordezkaritza zabala egon zen. Alderdi abertzaleetako ordezkariez gainera, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Nafarroako Gobernuko eledun María Solana, besteak beste. Iparraldeko alderdi guztietako ordezkariak ere bertan zeuden, baita Bizi, Aitzina eta Euskal Konfederazioko ordezkariak ere. Euskal Elkargoaren presidentziarako hautagaiak hauek ziren: Baionako auzapez Jean-René Etchegaray, Gotaine-Irabarneko Bernard Lougarot auzapez zuberotarra eta Angeluko hautetsi komunista Jean-Jacques Doyhenart. Baionako auzapeza izendatu dute presidente, 157 boz bildurik. Jean-René Etchegaray zentrista da, UDI alderdiko kidea. Gotaine-Irabarneko auzapezak 51 boz lortu zituen. Angeluko hautetsiak, berriz, 5. Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duhartek, behin behineko presidenteak, hartu zuen hitza, frantsesez, euskaraz eta gaskoiez egin zuen  agurra. Elkargoaren eskumeneko gaiak izan zituzten hizpide hautetsiek, hala nola, garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, ingurumena eta etxebizitza. Alta bada, hizkuntza kudeatzeko gai zaila dela ageri zen instituzioa osatzeko lehen batzarrean. EH Baiko Iker Elizalde hautetsi hendaiarrak euskara eta frantsesa erabiltzea eskatu zuen. Bokaleko auzapez Francis Gonzalezek ezetz erran zion, "Frantzian gaude" argudiatuz. Angeluko hautetsi Guy Mondorgek gaskoiak eta euskarak leku parekidea izan behar dutela adierazi zuen. Jean Etchegarayk bi hizkuntzak erabiltzea lehenetsi zuen. Alabaina, aktak frantses hutsean jasoko direla berretsi zuen. Euskararen gaiak zer esana eman zuen atzo Hirigune Elkargoaren funtzionamenduan, eta emanen du ere etorkizunean. Euskarari berezko trataera eman nahi dioten sektore euskaltzaleek gaiaren egoera ikusi ahal izan zuten euskal instituzioaren lehen batzarrean. Euskararen aldeko giroa hala izanik ere, Les Républicains (LR) alderdiko eta Miarritzeko hautetsiak honela adierazi zuen: "Eztabaida politikoaren garaia joan da, lanean hasteko garaia heldu da". Elkargo bakarraren kontrakoa eta alderdi bereko Claude Olive Angeluko auzapezak hauxe gehitu zuen: "Guztiz inplikatua naiz instituzio berri honetan". Hala ere, berarentzat uraren eta etxebizitzaren gaia dute lehentasuna. Hendaiako auzapezak (PSko kidea), zaborren kudeaketari eman zion garrantzia gehien. Hirigune Elkargoak badu presidentea: Jean-René Etchegaray. Instituzioa gobernatzeko moldea erabakitzeak lanak emanen ditu ordea. Gobernantza hitzarmena eta bozkatzeko modua ongi zehaztu beharko dituzte, Euskal Elkargoa behar bezalako sendotasunez abiatuko bada.
news
argia-467206d63b03
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/nafarroako-kontu-sinestezinak.html
Nafarroako kontu sinestezinak
Kike Diez de Ultzurrun
2017-01-29 00:00:00
Nafarroako kontu sinestezinak Kontuak hartzen dituena; esate baterako, udal bateko kontuak aztertu eta fiskalizatzen dituen pertsona. Horixe da kontu-hartzailea, hiztegien arabera. Udal orotan eta gobernu departamentu guztietan badago lanpostu hori. Egia erran, suma genezakeen ez zela lanpostu arrunta, garrantzitsu samarra baizik, baina hori da hori gure okerraren handia!, postu hori funtsezkoa baita alde aunitzetatik begira, baita aldaketa politikoa hauspotzerakoan edo trabatzerakoan ere. Izan ere, legealdiaren erdirantz goazen honetan, desadostasunak desadostasun eta nekeak neke, aldaketa, egia erran, bidea urratzen ari da, sendoxeago dago, eta abenduko Navarrometroak gauzak bere tokian jarri zituen, UPN eta ingurukoen etsipenerako. Cordovilla eta enparauak egunero heriosuhar erauntsika eta garrasika badabiltza ere, laukoa bizkor samar ageri da funtsezko gai aunitzetan, hori bai, non ez den euskara ageri, kontu horretan oraindik ere gehiago baitezakete bi botok hogeita lauk baino, sinestezina bada ere. Eta euskararen kontuetan ere, hara! zorioneko kontu-hartzaile zenbaiten itzala sumatzen da, edo pairatzen da, zenbait udaletan edo gobernu departamentutan gertatzen ari denari erreparatuta. Konparaziora, har ditzagun adibidetako Iruñerriko bi udal; biak ere handi, biak ere arras garrantzitsu, eta biak ere aldaketaren aldeko, erran nahi baita, alkatea aldaketa zale. Ba, berdin da osoko bilkurak euskara sustatzeko diru-laguntza hau edo hura onetsi izana; berdin da euskal elkarte batekin hitzarmena egitea erabaki izana; berdin da euskararen aldeko neurriak onartu izana; berdin da… zeren eta, erabakia lege ororen bedeinkazioekin hartua izanagatik ere, hantxe agertuko baitzaio alkate jaun-andreari harako kontu-hartzaile haietako bat, eta "ez!" erranen dio, eta ez dio bide emanen udalak erabakitakoari, erabakiaren mamia legearekin bat ez datorrelakoan. "Aizu, udal idazkaria ez da zure iritzi-kide; legea alde dugu" kexatuko zaio alkatea edo kasuan kasuko zinegotzi arduraduna, eta kexari argudioak jarraituko zaizkio: "UPN alkatetzan zegoenean, antzera jokatzen zen bertze gai batzuetan, eta zuk ez duzu sekulan kontrako iritzirik agertu, ez duzu deus eragotzi, aitzitik baizik". Alferrik, ordea. Kontu-hartzailearen bedeinkazioa jasotzen ez den bitartean, dena geldirik egonen da edo izugarri atzeraturik. Eta udaletan nola, Gobernuko zenbait sailetan ere halaxe, ez sinestekoa badirudi ere. Galdetu, bertzenaz, euskarari bide emateko eratua den erakunde ofizialean.
news
argia-54fb4eb63ec9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/londresko-mezulari-prekarioek-kosk-egin-diote-ugazaben-eskuari.html
Londresko mezulari prekarioek kosk egin diote ugazaben eskuari
Pello Zubiria Kamino
2017-01-29 00:00:00
Londresko mezulari prekarioek kosk egin diote ugazaben eskuari Londresko lan auzitegiak arrazoi eman dio Maggie Dewhurst mezulariari:  enpresari autonomotzat tratatzeko orde, CitySprint konpainiak langile kontratua egin behar dio eskubide guztiekin, opor egunak, gaixotasunagatiko lan uzteak eta Britainia Handiko beharginen gutxieneko soldata. Neoliberalek denetan indartu duten 'Gig Economy' famatuaren arrakasta zertan datzan erakutsi du Dewhurst egoskorrak. Carlos Trenor Donostiako abokatu laboralista ezagunak –hala zen Garzón epaileak Egin aferarekin preso sartu aurretik, hala segitzen du irtendakoan– elkarrizketa batean deklaratu berri du langileen borrokaz: "Pertsonalki, pentsatzen dut saiatu behar dela antolatzen prekariatua, baina hori sindikatuek ezin dute egin, ez daude horretarako prestatuta. Nola sortuko den? Prekarioek pentsatu behar dute hori". Pentsatzeaz gain borrokan ere hasita daude. 29 urteko mezulari ingeles xume batek, Londres bizikletaz posta eta pakete txikiak banatuz zeharkatzen duen Maggie Dewhurstek bataila bat irabazi dio lana ematen dion CitySprint konpainiari. "Zoratzen nago – deklaratu dio BBC ri – auzitegiak nire alde ebatzi eta horrela aurrekari legal eta morala ezarri duelako antzeko eskariak dauzkaten besteentzako". Hiri handietan banaketa lanak bizikletaz burutzen dituzten jendeok exotiko egiten zaizkigu metropolietan bizi ez garenoi, agian ekologia eta iraunkortasun irudiekin lotzen ditugu, gazte kirolzale informaletatik hurbilagoko irudia ere ematen dutelako. Ez gara oraindik ohartu ekonomia berriaren behargin prekarioak direla, pizzak motorrez banatzen dituzten edo taxi lanak Uberren mende burutzen dituztenen pareko. 2008ko krisitzarraren barruan lehenbiziko kimu berdeek sortutako enpleguak, miseriaz ordainduak. Bi urte eman ditu CitySprintekin Maggie Dewhurstek, lan egin eta kobratuz  kontrata pribatu edo autonomo balitz moduan. Alegia, hornitzaile bat bailitzan, eguneroko ogia saltzen digun okina legez. Baina berak auzitegian salatu du benetan konpainiaren langile ari dela, egun osoa ematen dutela enpresatik agindutakoa betetzen, zer egin, nola eta noiz, haien kontrolpean osorik, mezulariak ez direla enpresa txikiz osatutako mosaiko bat, horregatik zor zaizkiela edozein langileri bezala gutxieneko soldata eta beste eskubide guztiak. Red Pepper aldizkariak bildu ditu Dewhursten iritziak " Bike courier Maggie Dewhurst takes on the gig economy… and wins " kronikan: "Jaten ematen dizun eskuari kosk egin behar diozu baldin eta nahi baduzu gauzak aldatzea, zeren nagusiek beren buruari askoz gehiago ematen baitiote jateko. Geuk subentzionatzen ditugu nagusiak, erabat. Dena geuk pagatzen dugu, bizikletaren kostua, piezak, mantenua, lana... dena. Telefonoa ere nire kontu doa. Lan egin ahal izateko kostu guztiak nire gain hartu behar ditut. Konpainiak dio nik nire negozioa daukadala. Nik diot ezetz: derrigortzen nauzue nire gain hartzera zuen negozioaren funtzionamendu kostuak". Gaur bizikletaz mezulari ari den emakume gaztea unibertsitatean lizentziatu zen justu finantzen krisia lehertu zenean eta bere begiz ikusi du lan merkatua deitzen duten hori hondatzen, nola galtzen ziren gaur begiratuta hobeak ziren lanpostuak haien ordez askoz baldintza kaskarragokoak ezartzeko. "Ez badugu zerbait egiten, ohiko estandarra bilakatuko da milaka langile edukitzea ordenagailuz kontrolatuta, smartphonez jarraitu eta kontrolatuta, inongo langile eskubideren jabe izan gabe". Txirrindularia versus 'Gig Economy' Britainia Handia da Europako txapeldun krisi garaiotan zabaldu den gig economy delakoan, Uberren eredua orokortu nahi duen horretan. Gero eta lanbide gehiago harrapatzen ditu, gainera; berrikitan hotelen jabeek aipatu dute garbiketako kostuak jaisteko lehengo langileak kaleratu berri autonomoekin hastea. Baina Dewhurst bizi den mundua, auto-enpleguan ari diren langileena, lurpean ezkutatuta bezala dago politikari eta ekonomialarientzako, apenas ikertu den. (ReelNews kanalak bideo honetan azaldu du CitySprinteko mezularien gatazka). Legedi gero eta neoliberalagoaren arabera, langileak beren buruaren enpresa bihurtuz askatasuna irabazten dute, ustez negozio txarrei ezezkoa eman eta lan batzuk azpikontratatzeko erraztasunak eskuratuz. Dewhurstek epaileari erakutsi dio CitySprintekin daukan harremana ez doala hortik. Konpainiaren uniformez janzten da, goizero deitu behar dio kontrolatzaileari, soinean daraman tresna elektronikoak esaten dio gauza bat entregatutakoan hurrengoa nori nora eraman. "Asteroko 50 ordutan CitySprintek esaten dit zer egin". Lanean hanka sartuz gero kanporatu dezakete. Nahiko arin mugitzen ez bada ere bai. Kobratu gabeko jai egun bat hartzeko ere kontrolatzailearen baimena behar du. Istripua edo gaixotasuna gertatuz gero, kalera joan daiteke. Dewhurstek parte hartzen du IWGB Britainia Handiko Langile Independienteen sindikatua n. 2012an sortu zen sindikatu txiki hau, UNITE sindikatu handitik irtenda Garbiketa Sektorea osatzen zutenak. Laster elkartu zitzaizkien Londresko Unibertsitateko langile azpikontratatuak, haiek ere beren sindikatutik alde eginda. Urteotan hiru adar gehiagoz osatu dute IWGB: segurtasun pribatuko guardiak, mezulari eta logistikakoak, eta zainketa lanetan ari direnak. "Sindikatu independentea gara –dio IWGBk aurkezpenean–, borondatezko elkarte bat soilik langileen interesen alde borrokatzen diren langilez osatua. Ez gara 'elkarlanean' ari nagusiekin, ez gaituzte kontrolatzen burokratek, ez diegu plazer egiten politikariei. Ez gara aseguru konpainia bat, sindikatua gure bazkideak dira, gure ordezkariak zu bezalako langileak dira. Denok daukagu gure rola. Elkarrekin egiten dugu lan elkarri laguntzeko. Langile klasearen indarra eraiki behar dugu konpainia handiek eta korporazioek zanpatu ez gaitzaten indibiduo gisa". Dio IWGBren mezulari eta logistikako langileen sailak, premiazkoa dela soldaten igoera lortzea, konpainia askok ez dizkietela jornalak igo langileei azken 20 urteotan, sarritan jaitsi ere bai. Autonomo moduan fakturatzen dutenez, konpainien tarifak hobetzea dute lehen helburua, baina horrekin batera laneko eskubide eta babesak hobetzea ere bai. Londresko bizikletazko mezulariek lehenbiziko protesta deigarria 2015eko udan egin zuten. Aurretik IWGBko garbiketa ataleko langileek, emakumezko hegoamerikarrak gehienak, "3 cosas" kanpaina arrakastatsua burutu zuten, beren konpainietatik lortzeko hiru eskubide –horregatik gaztelaniazko izena– oinarrizko: nagusiek ordaintzea gaixotasunagatiko egunak, oporrak eta erretiro  kotizazioak. Askoz konplikatuagoa izan da mobilizatzea eta sindikatuan biltzea mezulariak, aspalditik autonomo kultura barneratua baitaukate. Londresko gatazkak aurrez-aurre jarri ditu behargin prekarioz osatutako sindikatu txiki bat eta urtean 1.700 milioi libra fakturatzen dituen sektorea. Epaileak ebazpenaren 64. atalean dio nabari dela "kontratuak prestatu dituela abokatu armada batek". Etsai handi samarra txirrindulari prekarioentzako.
news
argia-faff854259c3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/zafraldi-bat.html
Zafraldi bat
Andrea Zubozki
2017-01-29 00:00:00
Zafraldi bat Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bere 12. urtebetetzea ospatzeko antolatutako festa, urtarrilaren 21ean, Ainhize-Monjolosen. Joujouz gain aritu ziren musika taldeak: Tristtan Mourguy eta Horreba, Klika Txaranga, Zikiro Tendencies, dj Xa2 eta Betunizer. Joujou. Bi pertsona zaintsuz osatutako musika talde bat. Eszenaren eskuinean, Benjamin bere bateria gibelean da. Hainbat herrialdetako perkusio instrumentuz eta hark berak eraikitako elementu perkusiboz (hala uste dut) osatu du bere musika tresna. Looper eta samplerak ere baditu. Kontzertuaren hastapenean, elastika bat ateratzen du. Tiratuz eta lasatuz, melodia ilun bat sortzen du. Eta looperraren barnean sartzen. Airea errepikatzen den bitartean, bateria hainbat elementurekin apaintzen du. Bonboarekin lehendabizi bum-bum-bum-bum. Halako giro primitibo dance bat sortzen da. Ondotik atabala eta beste tinbalak sartzen ditu. Eta bukatzeko, ezkilak. Bateri jolearen eskuak beti lanean ari dira, gelditu gabe, atsedenik gabe. Eszenaren ezkerrean, Agnès, egurrezko soka bakarreko instrumentu batekin. Baxu baten itxura eta soinua du bere instrumentuak. Efektuak erabiltzen ditu, saturazioa, oktabera eta besterekin soinu ezberdin frango lortzen ditu. Kantuz ere ari da. Bateriaren gisa, esaldiak errepikatzen ditu. Errepikatzen 50 bat aldiz, hizki edo letra bat aldatuz noiztenka, manera ezberdinez erranez, ahapetik, oihuka. Uniformizazio orokor eta pasibotasun baten kontrako erranaldiak. Kritika motz eta zuzenak. Publikoari begira edo bizkarrez, lurrean itzulika edo gorantz jauzika… kantari horrek, herra positibo bat transmititzen du. Joujou taldekoen musika; erritmo brasildar dantzagarri batzuk rock-punk aire gogorrak eta murruetatik at atera nahi duen ahots bat. Edo erritmo hardcore bat, lurrean ahantzia den baxu bat oihuka, hori guzia frantses abesti zahar batek apaindurik. Manera batez edo bestez, haien musika beti dantzagarri gelditzen da. Publikoan, Joujouren energiarat heltzeko gogo xumea dugu, eta denak dantzan ari gara. Momentu batez argindarrak jauzi egiten du, kontzertu gelako argi eta soinu sistema itzaliz. Horrelakoetan, itxoiten da indarra berriz etortzea kontzertua segitzeko. Joujouk ez du itxoiten. Joujou ez da gelditzen. Jarraitzen dute haien kantua ezer gertatu ez balitz bezala. Ilunpean, sonorizaziorik gabe, segitzen dute 5-10 minutuz! Kantaria oihuka ari da publikoari eta bateriak bere erritmo deskonektatzaileak intentzio azkarrenarekin ematen dizkigu. Argindarra berriz etortzean, Joujouk segitzen du beti aitzina. Iduri du argindarra publikoko pertsona berri bat dela eta Joujouk erraten diola "ongi etorri gure kontzerturat!".
news
argia-e6abf9d44d06
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/mario-fernandez-ingurumenaz-eta-krisiaz-kezkatutako-medikua.html
"Osasungintza kudeatzen dutenek beti dute herritarrak lasaitzeko helburua"
Unai Brea
2017-01-29 00:00:00
"Osasungintza kudeatzen dutenek beti dute herritarrak lasaitzeko helburua" Bilbo, 1951. Medikuntzan lizentziatua, osasun-zerbitzuen ikuskatzaile darama 35 urte inguru. Gutxi gorabehera denbora bera egin du osasun-eskubidearen aldeko Osalde elkartean; haren sortzaileetakoa da, izan ere. Lan-osasunaz eta ingurumenaz arduratzen da Mario Fernandez, eta bigarrena izan dugu hizpide nagusia. Noraino gaixotzen gaitu inguruak? Gero eta gaixoago gaude? Ez nuke argi eta garbi hala esango, baina badira alarmak. Agerikoa da gero eta kutsadura gehiago dagoela: plastikoak; hondakinen errausketa –irtenbidetzat aurkezten digutena, guztiz kontrakoa denean–; naturan existitzen ez ziren eta gizakiak sintetizatu dituen produktu kimiko asko, euretako asko kaltegarriak eta beste asko ondorio ezezagunekoak… "Ingurua kutsatzen ari gara eta horrek gaixotu egingo gaitu" esaten baduzu, norbaitek erantzuten du, iritzi publikoa lasaitzearren, inoiz baino hobeto gaudela. Eta egia da. EAEn Europako batez besteko bizi-itxaropenik handienetakoa dago, eta osasun sistema ona daukagu, baina hiltzeko eta gaixotzeko moduak aldatuz doaz. Ikerketa epidemiologikoek diote minbizia dela bizitza-urte potentzial gehien kentzen digun faktorea. Esaten da minbiziaren gorakada urte gehiago bizitzaren ondorioa dela, baina datuak aztertuta ikusten da gaitzak eragin handia duela tarteko adinetan ere. Zibilizazioaren gaixotasuna da minbizia? Seguruenik beti egon da minbizia. Tumore bat ez da zelulen hazkunde desordenatua baizik. Haatik, gure sistema immunitarioak atzeman ditzake kaltegarri bihurtzen hasten diren zelulak, eta haien aurka borrokatu. Arazoa da inguruaren kutsadurak immunitate-sistemari eragiten diola, uste dut horixe dela sortzen ari garen jendarte kontsumozale eta kutsatu honen ezaugarri bat. Esan duzu norbaitek lasaitzen gaituela, inoiz baino hobeto gaudela esanez. Nor da "norbait" hori? Osasun agintari guztiak, alderdi batekoak zein bestekoak. Osasun zerbitzu publikoak kudeatzen dituztenek beti dute herritarrak lasaitzeko helburua. "Ez da ezer gertatzen", "ez da ezer frogatu"… Garai batean ere frogatu gabe zegoen tabakoak minbizia eragiten duenik. Tabako egileek bazekiten, publikoak baino askoz lehenago... Jakina. Baina ezkutatzen saiatu ziren negozioarekin jarraitzeko. Batzuetan ezezagutzagatik, beste batzuetan borondate txarragatik, "dena ongi dabil" esaten da. Eta jendeak jakiteko eskubidea du. Herritar askok zientziari begiratzen dioten erantzun bila. Baina zientzialariak ez datoz beti bat, batzuek gauza bat diote eta beste batzuek aurkakoa. Ez dut inorri buruz gaizki hitz egin nahi, baina interes ekonomiko handiak daude berrikuntza zientifikoen, sendagaien, produktu kimikoen eta abarren inguruan. Zer esanik ez transgenikoen eta pestiziden inguruan. Eta interes horiek esaten nabilen hau ezkutarazten dute, behar beste ez ikertzea eragiten dute. Orain deitu behar dizut magufo eta konspiranoiko? Eta medikua izanda gainera! (Barre) Bai, hori guztia. Mediku batek esan ditzake gauza hauek eta beste mediku batzuek kontrakoa esango dute. Nik eztabaidatu egin dut transgenikoez, produktu kimiko sintetikoez, Zabalgarbiko erraustegiaz eta abarrez. Baina zoritxarrez gutxi eztabaidatzen da. Transgenikoak aipatu dituzu. Osasunari kalte egiten diotela uste duzu? Gaiaz ikertzen ari da oraindik, eta beti ikertu beharko da, haien efektu guztiak dagoeneko ezagutzen ditugula esango bagenu nagusikeriaz jokatzen ariko ginateke; tira, batzuek hala jokatzen dute jada. Gutxi ikertu ahal izan da gaiaz, transgenikoekin lan egiten duten konpainiek eurek beren produktuekin azterketak egitea eragotzi dutelako. Bada, nik nonahi irakurtzen dut "demostratuta dago transgenikoak kaltegabeak direla" esaldia. Ez dago demostratuta, inondik inora. Esaten da "urte mordoa da herrialde batzuetan landatu eta saldu egiten direla eta ez da frogatu inongo ondorio kaltegarririk dutenik, ez ezazue alferrik izutu jendea". Ez da frogatu ez delako ikertu nahi izan, eta hala ere kalte batzuk ezagunak dira honezkero: landare super-erresistenteen agerpena, erleei kaltea… Oraindik urte gutxi daramagu honekin, eboluzioa ikusteko denbora behar da. Baina suarekin jolasten hasi gara. Horregatik kontra gaudenok zuhurtzia printzipioa aplikatzeko eskatzen dugu. Gainera, transgenikoek ez dute ekarpenik egiten multinazional batzuk aberastea ez bada. Munduan gosea arintzeko ez da elikagai transgenikorik behar; badago janari nahikoa, banaketa da arazoa. Zer pentsatzen dute mediku gehienek esaten ari zaren gauza hauez? Tamalez, medikuntza eta erizaintza fakultateetan ez dira irakasten, ez ingurumen gaiak, ez lan-osasuna. Ikasketa-planak oso aspaldikoak dira, eta ezezagutza dago bai nire belaunaldiko medikuengan bai gazteengan. Ingurumena bazterrean geratzen da. Nik leku askotan irakurri dudanaren arabera ingurumena ez da arazoa ordea. Gaitz batzuk goraka doaz, luzeago bizi garelako ez ezik, ez dugulako geure burua behar bezala zaintzen. Hori esatea iraingarria da, biktimari errua botatzea. Hark du gertatzen zaionaren erantzukizuna erre egiten duelako, ez duelako ariketa fisiko egiten, koipe gehiegi jaten duelako… Ingurumena ez da faktoretzat hartzen. Hala ere, dena esatera, antolakuntza sozialak eragiten du pertsona askok beren burua ez zaintzea. Argi dago jende pobreenak ez duela aukerarik bizimodu osasungarriago bat antolatzeko, askotan egunero bizirautea beste kezkarik ez du. Orduan, krisia da osasunean eragina duen beste faktore bat? Zalantzarik gabe. Uneotan erabakigarria da. Adibide gordin bat ipiniko dizut: Sobietar Batasuna desagertu zenean krisi sozioekonomiko larria izan zen, pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotu egin ziren, eta haiekin batera alkoholismoa, suizidio kopurua eta beste. Bizi-itxaropena asko jaitsi zen denbora laburrean. Finlandian, aldiz, krisi ekonomikoa egon zen halaber, Sobietar Batasunari egindako esportazioak hango ekonomiaren zati garrantzitsua zirelako. Baina krisi hura leundu egin zen Finlandiako Gobernuak herritarrengan ohitura osasungarriak sustatu eta osasun sistema indartu zuelako. Osasungintza publikoak eta zerbitzu sozialek oso zeregin garrantzitsua dute krisi garaian. Gizartea hondatzen ari denean babes hori kentzen badugu gainera… Pentsa zer litzatekeen hau AEBetako osasun sistemarekin.
news
argia-335bb31f048e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/ikasturtea-errepikatzea.html
Icebergaren tontorra
Mikel Garcia Idiakez
2017-01-29 00:00:00
Icebergaren tontorra Denetik probatu ondoren geratzen den salbuespenezko azken aukera ala maizegi erabiltzen den neurria? Gai ez diren ikasleen salbazio ala egungo eskola ereduaren gabezien isla? Ikasturtea errepikatzeari buruz galdetzeko mahaiaren bueltan elkartu ditugu Myriam Iralde Seaskako formatzailea, Pedro J. Macho Hezkuntza ikuskaria eta Agurtzane Martinez Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Errendimendu akademikoari gehiegi begiratzen dion hezkuntza sistemaz mintzatu zaizkigu, ebaluazio paradigma aldatzeko premiaz, errepikatzeak duen estigmaz eta espektatibek duten pisuaz, ikasle bakoitzaren egoera eta erritmoak errespetatuko dituen ibilbide akademiko malguen beharraz, legediaren kontraesanez… Eta konturatu gara, icebergaren tontorra dela errepikatzea, "errepikatu ala ez" planteamenduaren atzean konplexuagoa eta sakonagoa dela eskolak duen gogoeta eta erronka. Derrigorrezko hezkuntzan, zer dio legeak errepikatzeari buruz? Zein maila eta kasutan ahalbidetzen du errepikatzea edo behartzen du horretara? Pedro J. Macho: Espainiako Estatuan, Lehen Hezkuntzan (LH) behin errepikatu daiteke eta Bigarren Hezkuntzan (DBH) birritan gehienez, baina salbuespen ugari egoten dira, batez ere hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei lotuta. Kasu batzuetan adibidez, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara urtebete geroago igaro daiteke haurra, edo DBHko 4. maila bi aldiz errepikatu dezake ikasleak, irakasle-taldeak ikusten badu hala eginez aukera daukala titulua ateratzeko. Legeak behartzen du errepikatuaraztera ikasleak lau ikasgai gainditu ez baditu; gainditu gabekoak hiru badira, irakasle-taldearen esku dago erabakia, baina berriki LOMCEk eta Heziberrik ezarri dute hiru horietako bi Hizkuntza eta Matematikak baldin badira zuzenean errepikatu egin behar duela ikasleak. Lehen gurasoen oniritzia ezinbestekoa zen, baina egun soil-soilik irakasleei dagokie erabakia. Myriam Iralde: 2015 aitzin, Frantziako Estatuan errepikatzen ahal zen behin Lehen Hezkuntzan eta behin Bigarrenean, gurasoen baimena ez zen beharrezkoa eta ikasgelako kontseiluaren erabakia zen. 2015eko dekretuaz geroztik, ordea, errepikapena ezohiko neurria izan behar da, ikaspenen haustura gainditzeko balia daiteke (hots, ikasle bat luzaz ez bada eskolara etorri, eri zelako edo beste edozein arrazoirengatik) eta gurasoen baimena beharrezkoa da, gelako kontseiluari abisua baizik ez zaio galdetzen. Adibidez, ikasleak nahi duen orientazioa [orokorra, teknologikoa eta profesionala daude] lortu ez badu, gurasoak errepikatzea eska dezake. Eta errealitatea zein da: salbuespena ala neurri orokortua da errepikatuaraztea? M. Iralde: Seaskan oso gutxi errepikatzen da: iaz 943 ikasletik 2. mailan hiru ikaslek dute errepikatu eta bik huts egin dute Baxoa azterketa, beraz bost ikasle izan dira orotarat. PJ. Macho: Datuei begiratuta, askoz arruntagoa da DBHn errepikatzea, LHn baino. Lehen Hezkuntzan gerta daiteke, hezkuntza premia berezia duelako, berandu iritsi den etorkina delako edo beste zernahirengatik, lehenengo bi urteetan irakurketa eta idazketan gutxienekoak lortzen ez baditu errepikapena aholkatzea. Baina kasu gutxi izan ohi dira, DBHrekin alderatuz. 2. DBH da mailarik problematikoena eta errepikapen gehien ematen dena. Metodologiaren aldaketa LHtik DBHra, exijentzia maila altuagoa, ikasgaien antolamendu berria… Batzuek DBHko lehenengo maila nola edo hala igarotzen dute, eta bigarrenean porrot egiten dute. Kontuak kontu, Espainiako Estatuko erkidegoekin alderatuta, errepikapen tasa baxuagoa da Hego Euskal Herrian. EAEn esaterako, LHn %2-5 dira errepikatzaileak eta 2. DBHn %14. Kopuru txikia. Baina orotara, 4. DBHra iristen diren ikasleetatik %30ak gutxienez behin errepikatu du bere hezkuntza ibilbidean [azken datuen arabera, DBHko errepikatzaileak %24 dira EAEn eta %23 Nafarroan]. Eta %30ak errepikatzea salbuespenezko neurria da? PJ. Macho: Ez, ez nuke esango salbuespena denik. Ez da ezohiko neurria, nahiz eta, nioen moduan, beste leku batzuekin konparatuz errepikatzaile kopurua txikiagoa den. Zein profileko ikasleei eragiten die? M. Iralde: Frantzian ikerketek diote mutiko gehiago daudela neskak baino, lorpen tasetan bezala kolegio eta lizeo mailan ere, eta ama ikastolan gutxi egon diren ikasleek errepikatzeko mentura gehiago dutela, besteak beste. Seaskan profil berezirik ez dugu ateratzen ahal. PJ. Macho: Bai, mutil errepikatzaile gehiago dago neskak baino. Eta aztertzekoa beharko lukeen aldagaia: errepikatzen dutenen portzentaje handi bat indize sozio-ekonomiko eta kultural baxuko familiakoak dira. A. Martinez: Horri gehitu diezazkiokegu motibazio falta duten ikasleak, ahalegina egitea kostatzen zaienak, arazo pertsonal edota familiarrak dituztenak… Ikasketaburu gehienentzat errepikatzea onuragarria da, ISEI-IVEIk 2009an argitaratutako ikerketaren arabera. Zuen inguruan, zein da irakasleen artean dagoen iritzi orokortua? A. Martinez: Ezberdina da eskoletan eta unibertsitatean egiten dugun irakurketa. Nire inguruan galdetzen badidazu, ez gaude ados errepikatzearekin eta pentsatzen dugu hausnarketa sakona egin behar dugula hezkuntzaren inguruan. Gainera, ikerketek eurek diote errepikatzeak ez diola ikasleari onurarik ekartzen emaitzetan, bere ondorengo hezkuntza ibilbidean. Baina egia da gure gizartean kultura aldatzeko prozesu nahiko luzea behar izaten dugula eta errepikatzea dela maiz erabili dugun neurria. Legeak berak dio, neurri hori hartu aurretik gainerako neurriak agortu behar direla eta horrek esan nahi du ikasleari beste laguntza mota batzuk eman behar zaizkiola, beharbada taldean bi irakasle jarriz, baliabide gehiago eskainiz, curriculuma eta metodologia egokituz… Sistema oso zentratuta dago errendimendu akademikoan eta hori da ikasturtea igarotzea edo ez erabakitzeko aldagaia. Batzuetan ez dira erabaki eta eztabaida samurrak, baina orokorrean esango nuke irakasleentzat ez dela erabaki zaila, ohiko neurria bilakatu delako ikusten badute ikaslearen errendimendu maila ez dela eskatutakora iristen, ez dituela menperatu eskatutako edukiak. PJ. Macho: Nik esango nuke Lehenengo Hezkuntzako irakasle gehienek ez diotela zentzu handiegirik topatzen errepikatzeari eta muturreko neurritzat hartzen dutela. LHn ohikoena da ikaslea bere globaltasunean ebaluatzea, eta ikasgai gehienak ematen dituena tutore bakarra izateak ere badu zerikusia, elementu eta aldagai gehiago dituelako baloraziorako. Ikasturte bukaeran galdera izaten da, notak nota, gabeziak eta hutsuneak tarteko, ikasle hau, bere osotasuna aintzat hartuz, gai ikusten dugu aurrera egiteko? DBHn hori galtzen da eta irakasle bakoitzak bere ikasgaia ebaluatzen du, modu isolatuan. Askoz urriagoak dira ebaluazio globalak eta gainera legea estuagoa da, esaterako agintzen baitu lau gutxiegirekin errepikatu egin behar dela automatikoki. DBHko irakasleek, nire ustez, egokiago ikusten dute errepikapena neurri gisa, errendimendu akademikoa nahikoa ez denean. M. Iralde: Seaskan, 2015eko dekretuarekin ez da deus aldatu, oso gutxitan proposatzen genuelako eta dugulako errepikapena. Gelako kontseiluan hartzen da erabakia, baina lehenik irakasle bakoitzak ondoko galderari erantzun behar dio: datorren urtean programa segitzeko gai izanen da ikaslea? Oso galdera zaila da, bi ikaslek nota bera eta erantzun ezberdina izan dezaketelako. Halakoetan nota kentzea lagungarria da, ikaslearen profila zehatzagoa izanen baita erabakia hartzeko. Irakasle gehienen iritzia baldin bada errepikatzea ondo etorriko zaiola, eztabaidatzen dugu ikusteko benetan emankorra izanen den ikaslearentzat, bere egoera osoa kontuan hartuz. Eta azkenik gurasoen baimena behar da. Gure irizpideak dira ikaslearen maila akademikoa, gelan eta etxeko lanetan duen engaiamendua, eta bere egoera orokorra (emozionala, familiarra…). Kolegioko azken urtean adibidez emankorra izan daiteke errepikatzea, batez ere ikaslea bere orientazio bidean engaiatu denean. Dudarik gabe, familiarekin landu behar da ikasle bakoitzaren egoera, eta ahal bezainbat ikaslearen nahiak errespetatu behar dira; orientazioa (orokorra, teknologikoa edo profesionala) hautatua izan behar da eta ez jasana. Dirudienez, errendimendu akademikoa da errepikatuarazteko irizpide nagusia. A. Martinez: Normalean, balorazioa beti zentratzen da ikaslearen ahulguneetan, eta gainera kontuan hartu gabe ikaslearen testuingurua edo zer ari den bizitzen etxean, lagunekin… Eskatzen diogu ikasleari gutxieneko batzuk gainditzeko, baina ez diogu gure buruari galdetzen ea aurrerapen horiek egin ditzan zein ezaugarri dituen guk eskaintzen diogun testuinguruak eta ea berari egokitzen zaion testuingurua den. Karga guztia umearengan jartzea ez da batere justua. PJ. Macho: Ebaluazioa oso gai konplexua da eta legeak sinplifikatu egiten du: eduki eta lorpen mailen gutxieneko batzuk finkatu eta gutxieneko horiek adinaren arabera sailkatu. Irizpide nagusia eta etapa batzuetan bakarra errendimendu akademikoa baldin bada, horrek oso sinplea egiten du errepikatzearen erabakia: ailegatzen da ala ez? Ebaluazioa emaitza ustez objektiboen arabera egiten delako, curriculum ofizialean ezarritako gutxienekoen arabera. Dena den, curriculumeko eduki eta lorpen adierazleak berdinak dira ikasle guztientzako, baina eduki eta lorpen adierazleak benetan berberak dira ikastetxe guztietan? Berdin aplikatzen dira irizpideak? Zalantzak ditut, badaudelako exijentzia maila altuagoa duten ikastetxeak, eta eskolak non juxtu kontrakoa gertatzen den, ikasle eta familien tipologiagatik espektatibak ezberdinak direlako. Eta espektatibek eragina dute ikasleengan, gurasoengan eta irakasleengan, batzuetan kontzienteki eta bestetan modu inkontzientean. Azken finean, irakasleak, ebaluatzeko orduan, kontuan hartzen du aurrean daukan taldearen batez besteko maila eta hori da bere erreferentzia ikasle bakoitza ebaluatzeko. M. Iralde: Espektatibei lotuta, inkesta baten arabera diplomarik gabe diren gurasoek anitz anbizio gutxiago dute euren haurrentzat diplomatuak diren gurasoek baino, nota bera izanez. Hala, erdibideko batez bestekoa duen ikaslearentzat, kualifikaziorik gabeko guraso enplegatuen %59k orientazio profesionala eskatzen dute, eta enpresari, arduradun, irakasle baten haurra bada, orientazio orokorra eskatzen dute %91ko proportzioan. Errendimendu akademikoaren arabera errepikatuarazten da, baina zeintzuk izan beharko lukete ebaluazioaren irizpideak? A. Martinez: Aurreko mendeko hezkuntza sistemak eskatzen zuen ebaluazio mota daukagu, instrukzioan oinarritua, industrializazioan eta gizartean genituen beharren araberakoa. Une honetan ez gaude hor, beste batzuk dira erronkak eta bestelako hezkuntza paradigma behar dugu: pauso hori emango bagenu, errepikatzea ez litzateke beharrezkoa izango, ikasleak ez liratekeelako egon beharko adinaren arabera maila berean, aldi berean, eta testuinguru ezberdinak sortu beharko genituzke ikaslearentzat. PJ. Macho: Zeinek dio DBHko titulua 16 urterekin lortu behar dutela? Zergatik ez eman aukera heldutasun handiagoa duen eta azkarrago doanari 14 urterekin ateratzekoa eta denbora gehiago behar duenari 18 urterekin ateratzekoa? Zergatik ez planteatu ibilbide akademiko malgua eta errepikatuarazi ordez abiadura eta ikas-prozesua egokitu ikasle bakoitzaren egoerara eta beharrizanetara? Egun hezkuntza antolatuta dagoen moduan, posible da errepikapenak ezabatzea? A. Martinez: Hain zuzen, errepikapenaz hitz egiten dugu daukagulako hezkuntza sistema bat eta ez beste bat, eta eskola eta curriculuma dauzkagulako antolatuta modu batean eta ez bestean: adin bereko umez osatutako gelaka eta mailaka. Nork dio adin bereko ume guztiek une eta abiadura berean ikasten dutela? Hori ez da horrela, helduon artean ere ez. Fikzioa da. Onetik baino gehiago du txarretik errepikatzeak, entzuten ari naizenagatik. PJ. Macho: Ikerketek diote errepikatzeak ez duela akademikoki ondorio onik ekartzen. Berriz ere, espektatibak dira gakoa: errepikatzaile bat baldin badaukat gelan, hasierako egunetik ikasleak berak izango dituen espektatibak, irakaslearenak eta gurasoenak askoz baxuagoak izango dira, errepikatze hutsagatik. ISEI-IVEIren ikerketan esaten da errepikatzen duten ikasleen %30-40ren kasuan eraginkorra dela akademikoki; alegia, %60-70arentzat ez du ezertarako balio, txarrerako baino ez, kontuan izan behar dugulako ondorio akademikoez gain ondorio sozial, emozional eta psikologikoak ere badituela errepikatzeak ikaslearentzat. Normala da akademikoki ez hobetzea, errepikatu eta soluzioa baldin bada berriz ere gauza berbera egitea, modu berberean ikasiz: ezer ez bada aldatzen eta ezintasunak berdinak baldin badira, berbera izango da emaitza. Hori esanik, beharbada errepikatzea baliagarria izan daiteke salbuespen bakan batzuetan: irakurtzeko eta idazteko gaitasuna hartu arte denbora gehiago behar badu adibidez, edo heldutasun falta nabari bazaio eta besteen heldutasun maila lortzeko urtebete gehiago behar badu, baina ezagutza maila eta errendimendu akademikoa ezin dira izan errepikatzeko irizpide. A. Martinez: Niretzat, errepikatzeak izan ditzakeen ondorio pertsonalak dira larrienak, eskola ez dagoelako bakarrik burua informazioz betetzeko, eskolak ikasle guztien garapen osasuntsu eta integrala bermatu behar du. Eta horretarako kontuan hartu behar duzu zein den aurrean daukazuna eta nolakoa den bera, bere egoera familiarra, kulturala… Abiapuntua da baldintza egokiak jartzea, ikasleak ikas dezan eta garatu dadin, eta ez bada egiten, normala da ikasleak prozesu egokia ez egitea, beste kezka eta ezintasun batzuk baldin baditu, maila pertsonalean, inguruan… Errepikatzea, gaur egun, zerbaitek funtzionatzen ez duen sintoma da eta joan beharko genuke ikustera zer den funtzionatzen ez duena, non dagoen aurrera egin ezin duen ikasle hori. PJ. Macho: Neurri bakoitzaren atzean dauden ondorio guztiak hartu beharko genituzke kontuan eta ondorio horietako batzuk txarrak baldin badira, arriskuak sor ditzaketela ikusten bada, orduan ez hartu neurria. M. Iralde: Frantzian, ikerketa batzuek diote Lehen Hezkuntzan eta kolegioaren hasieran errepikatzea ez dela emankorra, kolegioko azken urtea eta ondoren izan daitekeela emankorragoa. Seaskan errepikatzea proposatu dugunean, oinarrizko konpetentziak ez dituzten ikasleez ari gara: ahozko adierazpena, irakurketa eta idazketa… Kasu korapilatsua izan genuen: ikasleak orientazio orokorra egin nahi zuen eta guk kontseiluan ez genuen onartu, errepikatzea proposatu genion. Azkenean familiak gure proposamena ezeztatu eta ikaslea beste ikastetxe batera joan zen, arlo profesionaleko bidea segitzeko. Berak nahi zuen orientaziorako maila nahikoa ez zuen arren, pentsatzen dut hutsegitea izan zela gure aldetik. Geroztik ikaslearen nahia gehiago hartzen dugu kontuan. Pedro, aipatu duzu errepikatu eta berriz ere gauza bera egiten badu ikasleak/irakasleak, berdina izango dela emaitza. Orduan, errepikatzekotan, nola egin? PJ. Macho: Hain juxtu, legeak berak dio errepikatzen duen ikasleari banakako eta berariazko indartze plana egitea beharrezkoa dela, beste metodologia bat aplikatuz, iaz huts egin zuena saihesteko asmoz. Kontraesana ere bada hori: berariazko plana egiten bazaio ikasleari, zertarako errepikatu? Egiozu plan hori eta aurrera egin dezala, unean uneko beharrizanen arabera plana egokituz. Kontua da, egin egiten da hori? Paperaren gainean bai, baina gela barruko egunerokoan, gai da irakaslea abiapuntu anitz eta ugariko 25-29 ikasleko gelan bakoitzari benetan behar duena eskaintzeko? Horri gehitu curriculum gain-dimentsionatuak eman behar dituztela eta gainera ikasle bakoitzak modu eta estrategia ezberdinak dituela ikasteko. Eta irakasleek beti ez dituztela beharko lituzketen baliabideak. A. Martinez: Hori hala izanik, uste dut gela barruan aldaketak egin daitezkeela, egun dugun egituran. Abiapuntua da pentsatzea zertarako den eskola, eta konpetentzietan oinarritu nahi badugu gure curriculuma, beste testuinguru batzuk sortu behar ditugu, ikasle aniztasuna tarteko. Egia da aniztasun hori kudeatu behar dela eta profesionalok formazioa behar dugula horretarako, baina egin daitekeela uste dut, hori dela gure erronka, eta horrek saihestuko lukeela errepikatu behar izatea. Berez, errepikatzea ez da larria, beste era batera planteatuko bagenu: gure bizitzan esperientzia ezberdinak behar ditugu gauza batzuk ikasteko eta gu geu pertsona moduan garatzeko, eta lehenengoan ez dugu asmatuko, bigarrenean ere ez eta hirugarrenean lortuko dugu, horrela goaz zailtasunak gainditzen eta ikaspenak garatzen, hori ere bada errepikatzea, ikaspenak lortzeko esperientzia gehiago izatea, baina kontua da gure hezkuntza sisteman eta gizartean estigmatizatutako neurria dela ikasle batek errepikatzea. PJ. Macho: Bai, kutsu negatiborik gabe, denbora gehiago behar duen ikasleari egokitzeko beste neurri bat gehiago izango zatekeen, baina Agurtzanek dioen moduan, oso estigmatizatuta dago eta oso fama txarra dauka; ikaslea markatuta dago hasieratik, lehen aipatzen nituen espektatibetan eraginez. Adibiderako, zer nolakoak ikusi behar izan ditudan delegazioko mahai aurrean, gurasoei esaten zaienean seme-alabak errepikatu behar duela, ikaragarria! Oso-oso gaizki bizi dute, inork ez duelako nahi bere seme-alabarentzat gizartean hain gaizki ikusia dagoen zerbait. Beste irakurketa bat ere egiten dut nik: irakasle taldearen erabakia auzitan jartzen duten guraso horiek gogortasun berarekin jarriko al lukete kolokan mediku batek euren seme-alabaren inguruan hartutako erabakia? Izan ere, azken finean biak dira erabaki guztiz profesionalak. A. Martinez: Gurasoen erreakzioa ulergarria da, gizarte oso lehiakorra dugulako, berehala etiketak jartzen dizkiegu denei eta nahi dutena da euren seme-alabak gehiegi ez nabarmentzea eta haien irudia jokoan ez jartzea besteen aurrean. Halakoak ez gertatzeko zer egin daitekeen? Beste leku batzuetan, honelako erabakiak elkarrekin hartzen dituzte irakasle eta gurasoek, hasiera-hasieratik lan bat dagoelako familiekin. Finlandian, plan pertsonalizatuak egiten dira ikasturte hasieran eta ikaslea, irakaslea eta familia elkartzen dira horretarako. Ikasi nahi ez duen ikaslearekin nola jokatu? M. Iralde: Ikasi nahi ez duen ikasleak arrazoi anitz izan ditzake, arrazoia lanarekiko bada "bakarrik", ikasle gutxik dute plazerez ikasten, ikasteak indarra eskatzen baitu. Ikasle batzuek barneko hertsapenak dituzte eta beste batzuek kanpokoak (irakaslea, gurasoak, lagunak…). Araberako orientazioa proposatu behar zaio eta lagundu behar zaio ardurak hartzen: bere portaerak eragina izango du bere orientazio bidean eta horren kontziente izan behar du. Eta arrazoia egoera emozionalarekin lotua bada, familiarekin landu behar da, irakasleekin, beharrez psikologo baten laguntzarekin… Ez dut ezagutzen porrotean izatea maite duen ikaslerik eta beraz, arrazoien bila joan behar dugu eta batez ere aterabideen xerka. A. Martinez: Eskolan ikastea batzuetan oso aspergarria da, gure ezagutza eraikitzeko behar duguna sarri ez da eskolak eskaintzen duena, ez da erakargarria. Lortzen dugu ikasleek ikastea ikasturtea gainditu behar dutelako, ez interesa dutelako. PJ. Macho: Ados, baina kontuz, erakargarritasuna, motibazioa eta gisakoak kontzeptu subjektiboak dira. Gure garaian, ikasgelan bideo bat ikustea munduko gauzarik erakargarriena zen… A. Martinez: Erakargarri diodanean ez dut esan nahi egon behar dugunik uneoro gauza dibertigarri eta bereziak egiten, baizik eta edozein pertsonak ezagutzan aurrera egiteko erronkak behar ditugula, zerbait gehiago ikasteko behar hori piztu behar da gugan, eta geletan behar hori sortzeaz ari naiz. Ikasle bakoitzaren interesak ezberdinak dira, ez da erraza denen interesei erantzutea, baina gauza eta erronka ezberdinak antolatu beharko genituzke, ikasleek eurek modu autonomoan jakin nahi izateko. Jakin-mina funtsezkoa da. PJ. Macho: Bai, baina ikasle gutxi batzuek ikasi beharko dute ikasi gura ez duten zerbait. Ezin dugu utzi ikasle bat idazten edo irakurtzen jakin gabe, edo biderketak egin gabe, nahiz eta gura ez izan. Eta beti egongo da baten bat nahi ez duena. A. Martinez: Gure lana ere bada jakitea zergatik ez duen gogorik, eta gakoa egon daiteke familian, lagun artean… eta hor ez badugu esku-hartzerik, ahaztu gela. Zelan ikasi nahiko du gurasoak banandu berri zaizkion umeak? Beste kezka batzuk ditu buruan eta asumitu behar dugu ume horrek denboraldi batez eremu jakin batean ez duela aurrera egingo, ez dela horretarako unerik egokiena. Eta hori bideratu beharko dugu, kasuaren arabera. Horregatik diot ebaluazioaren paradigma aldatu behar dugula, errendimenduan zentratu ordez testuingurua aintzat hartuz, ebaluazioa delako profesionalok daukagun tresna ikaslearen garapenean laguntzeko. Eta idazten, irakurtzen, biderketak egiten ikasiko dute, horien beharra sentituko dutelako bizitzan. Agian biderketak, eskolak "saltzen" dizkion moduan, ez ditu ikasi nahi, baina beste era batera eta erronka moduan planteatuta bai. Gurasoak banandu berri zaizkion ikasleak beste kezka batzuk izango ditu buruan, "eta asumitu behar dugu denboraldi batez eremu jakin batean ez duela aurrera egingo, ez dela horretarako unerik egokiena", dio Martinezek. Bakoitzaren egoera sozio-ekonomiko eta kulturalak eragina duela adierazi duzue, baita ikasleak familian, lagunartean izan ditzakeen arazoek ere, psikologoa aipatu da... Beste profesional batzuekin elkarlanean egin beharrekoa eskatzen zaio irakasleari? A. Martinez:   Hala da, ezin da izan bakarrik irakaslearen ardura, irakasle batek ezin du ikasle talde guztiarekin. Badaude laguntza zerbitzuak, komunitatean badaude bestelako zerbitzuak, eta lan koordinatua egin ezean, kasu batzuetan ezinezkoa da ikasleak aurrera egitea. Sistemak antolatu behar ditu dauzkan tresnak, erantzun egokiak bideratzeko. PJ. Macho: Ume bat izateko emakume bat baino ez da behar, ume bat hazteko leinu osoa. DBHn eta kolegioko azken urteetan errepikatzen da batik bat. Aldiz, batzuek diote adinean zenbat eta lehenago errepikatu hobe dela, oinarria finkatu gabe daukan haurrak gabezia horiek ez ditzan hurrengo urteetan herrestan eraman. PJ. Macho: Aurretik esandakoa berretsiz, nire ustez errepikapena ez litzateke existitu behar, izatekotan muturreko kasuetan aplikatzeko salbuespena izan behar luke, eta muturreko kasuak baldin badira, banan-banan aztertu beharko lirateke eta banan-banan erabaki beharko lirateke, kasuaren ezaugarri eta aldagai guztien arabera. Adibidez, ume batek istripu batengatik edo gaixotasun batengatik ikasturte erdia baino gehiago ospitalean eman badu, ikasle horrek ez du aukerarik izan adinagatik dagokion ikasturtea egiteko. Bada, errepikatu dezala, eta ez da ezer pasatzen, ez irakasleek, ez gurasoek, ez inork ez luke estigma edo drama moduan ikusi beharko. Eta era berean, idazten eta irakurtzen ikasi ez duen 6-7 urteko umeari agian ondo etorriko zaio beste urtebetez hori lantzen jarraitzea, ezinbesteko tresna izango duelako hurrengo mailetarako eta baita bizitzarako ere. Galdera beste era batera planteatuta: DBHn errepikatzea izan daiteke aurretik neurri egokiak hartu ez izanaren ondorio? PJ. Macho: Ekuazio zuzen hori egitea arriskutsua iruditzen zait. A. Martinez: Esan dugu Lehen Hezkuntzan curriculuma globalagoa dela eta horrek erraztu egiten du ikaslea ondo egotea, onartuta sentitzea, talde baten partaide, seguruago… DBHn ordea edukietan oinarritutako curriculum zatitua daukagu, ikasgai isolatu pila bat… PJ. Macho: EAEn badaukagu DBHko azken bi mailetan lege emankor bat, Estatuan bakarra: dibertsifikazio curricularra [akademikoki zailtasunak dituzten ikasleei zuzendutako programa]. Ikasle batzuei ezinezkoa egiten zaie elkarren arteko loturarik ez duten ikasgaiak modu horretan barneratzea, eta dibertsifikazio curricularrak egiten duena da nolabait Lehen Hezkuntzako globaltasunera bueltatu; DBHko edukiak ematen dira, baina ez modu soltean, bi multzotan uztartuta eta modu integratuan baizik, eta emaitzak oso onak dira. A. Martinez: Dibertsifikazio curricularraren beste ezaugarri bat da metodologia oso praktikoa darabilela. Horretaz ari nintzen, hezkuntza erakargarriaz ari nintzenean; ikasle denekin antzeko zerbait egin beharko genuke. Errepikatuarazi aurretik, zer egin daiteke? PJ. Macho: Legediaren kontraesanaz aritu naiz lehen, jasotzen dituen bi neurri direla-eta: errepikatzea eta banakako indartze plan berezitua. Bigarren horrekin nahikoa izan beharko litzateke: plan hori ongi diseinatuta baldin badago, ikasle jakin horri behar bezala egokitua, nahikoa izan beharko luke ikasleari aurrera egiten laguntzeko, errepikatu barik. A. Martinez: Nik paradigma aldatuko nuke. Ez dut uste planak ikaslearengan soilik zentratu behar ditugunik, horrela ez baitugu ezer aldatuko. PJ. Macho: Lotuta dago dena, batak bestea dakar. Metodologia aldatu nahi badugu, ebaluazio sistema, irizpideak eta adierazleak aldatu behar ditugu, eta horretarako, oinarrizko curriculuma aldatu behar dugu, ezinbestean. Egungo curriculuma husten hasiko nintzateke ni, gauzak gehitu barik (azken urteetan gehitu eta gehitu ari direlako), aukeratu dezagun ondo zeintzuk diren benetan egungo eta, are gehiago, biharko gizartean edozein pertsonak menperatu eta ezagutu behar dituen funtsezko gauzak. A. Martinez: Edukietan ez, ongi definituriko konpetentzietan oinarritu behar baitugu gure hezkuntza. Eta hori lagungarria izango litzateke errepikapena ez existitzeko, baina automatikoki hurrengo mailara igarotzea ere ez litzateke existitutko: ikasleak adibidez proiektuka arituko lirateke, ikasleak bere prozesua egingo luke eta gu laguntzaileak izango ginateke prozesu horretan. Eskolaren zurruntasuna apurtu egin behar da, ikasgela itxien ordez beste modu batera antolatutako gela irekiak behar ditugu, adin eta ikasle ezberdinak nahasten dituzten taldeak, irakasle bat baino gehiago elkarlanean… Ikastetxeen antolaketa guztiz aldatu beharra dago, ikasleek erantzutea nahi badugu. M. Iralde: Sostenguak eta lan pertsonalizatuak  proposatu behar zaizkio ikasleari, protokolo orokortu batean talde-lanak antolatuz, gaien arteko loturak eginez (ordu berean lan desberdinak proposatu daitezke). Hiruko bat garela ulertu behar dugu: familia, ikaslea eta irakasle taldea; konfiantzazko harremana lortu behar da. Eta gaztea entzun behar dugu, komunikazioan lortu behar da ikaslearen engaiamendua. Lan egiten dueno aitzinatuko da, segur da; begi onez tratatu behar da bere lorpen guztiak balioetsiz eta dituen trebetasunak aitzinera eramanez. Gure esperientziatik, zailena da gela berean ikasleen hedadura gero eta handiagoa dela eta horren kudeatzea. Horri nola egin aurre? Ikastetxe erraldoiak ekidinez; 250 ikasleko ikastetxeak eta gelan 25 ikasle baino gehiago ez. Gelan ahul dabiltzan ikasleei aitzinatzeko aukera eman behar zaie: lortze maila ezberdinak ezarriz, noizbehinka lan ezberdinak proposatuz, elkarren arteko laguntza bideratuz, talde-lana sustatuz ikasleen heterogeneotasuna baliatzeko… Irakasleak berak pentsatutako antolaketa gauzatzeko, gelan ikasleek entzun egin behar dute eta entzuna izateko, irakasleak berak bere ikasleak entzuten jakin behar du. Eta espektatibak aipatu ditugu: irakasleok beti sinetsi behar dugu gure ikasleengan; maiz ez dute beren buruan sinesten eta batzuetan gurasoek ere ez, beraz guk sinetsi behar dugu beren baitan, urte batetik bestera ikasle batzuek heldutasun intelektual eta emozionala lortzen dutelako eta hutsegite egoeratik ateratzea lortzen dutelako. Hainbatetan, zailtasunetan diren ikasleen artean batzuk mugituak dira edo probokazioan aritzen dira, eta gaitza da hori kudeatzea. Afera tratatzeko lehen baldintza ikasle-taldea eskutan izatea da, diziplina minimo bat lortzea, ikasleen engaiamendua. Hori lortua delarik, errazagoa da ikasle hauengana hurbiltzea, eskua luzatuz behin eta berriro, eta berriro. Ez da berdintasunez jokatu behar, zuzentasunez baizik: ikasle horiek arreta gehiago behar dute, nahiz eta maiz hasieran gure laguntza ezeztatu, ez dugu etsi behar. Sarri irakasleok kexatzen gara ikasleak ez duelako etxean lanik egiten, baina ez gara konturatzen gelan bertan guhaurrek ez dugula lortzen ikasleak lan egitea eta hori gure ardura da; pazientziarekin eta begi onez lortu behar dugu lan egin dezan, demagogian erori gabe. Horrek energia anitz eskatzen du eta forman izan behar gara, eta parean nerabeak, bere aldetik, egiazko heldu orekatua izan behar du. Azkenean, irakasleok nerabetasunaren ezagutza ona izan behar dugu, eurekin komunikatzeko bitartekoak izateko. Nola jokatzen dute beste herrialdeetan? PJ. Macho: Errepikapena da hezkuntza jakobinoaren herentzia: errendimendu akademikoaren arabera sistematikoki errepikatzen da Espainian, Frantzian eta Portugalen. Europan, oso salbuespenezko neurria da Belgikan, Alemanian, Italian, Luxenburgon, Maltan, Herbeheretan, Austrian, Finlandian eta beste hamaika estatutan. Eta automatikoki hurrengo mailara igarotzen dira Danimarka, Grezia, Irlanda, Zipre, Suedia, Erresuma Batua, Islandia, Liechtenstein eta Norvegian. Laguntza osagarria jasotzen dute zailtasunak dituztenek. A. Martinez: Hezkuntzan herrialde bat eredu gisa hartzeko ez nuke begiratuko errepikatzen duen ala ez, begiratu behar dugu zergatik den herrialde baten hezkuntza sistema kalitatezkoa, zer eskatu behar diogun hezkuntza sistema bati, eta horren arabera bilatu behar ditugu erreferenteak. Argi izan behar dugu zein nahi dugun izatea gure hezkuntza proiektua, gizarte eredu bati zuzentzeko eta ez beste bati. Ezin dugu esan konpetentzietan oinarritu nahi dugula gure hezkuntza, eta gero kanpo-ebaluazioen arabera jardun. PJ. Macho: Arazoa da hezkuntza kalitatea definitzeko ikuspegi ezberdinak daudela eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearentzat (ELGA) adibidez, hezkuntzaren errentagarritasunari lotuta dago kalitatea. M. Iralde: Italian udako eskolak antolatzen dituzte, uda bukaerako azterketan ikasleek urtea gainditu ahal izan dezaten. Finlandian segipen pertsonalizatua egiten zaio ikasleari eta oso gutxik errepikatzen dute; irakasle bakoitza formatua izan da zailtasunetan diren ikasleak laguntzeko eta irakasle berezituen lankidetza dute. Eskuzko jarduerak buru-lanak bezainbeste kontsideratuak dira eta ikasleen lorpenen arabera bide ezberdinak proposatzen zaizkie; gainera, hemen Selektibitatea eta Baxoa direna lortzeko, bi eta lau urte artean ematen ahal dituzte, moduluen bidez pasatzen baita. Familiaren inplikazioa funtsezkoa dela azpimarratu dute mahaikideek. Finlandian, plan pertsonalizatuak egiten dira ikaslearentzat ikasturte hasieran, eta ikaslea, irakaslea eta familia elkartzen dira horretarako. (Arg: Teenlife.com) MAHAIKIDEAK Myriam Iralde Junca, Seaskako formatzailea Baionan sortua, 1970ean. Matematikan lizentziatua, Seaskaren lizeoan irakasten hasi zen 1993. urtean. Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko konkurtsoa lortu zuen Matematikan. 2009. urtetik, denbora erdiz, Bigarren Hezkuntzako irakasle berrien formakuntza orokorra ematen du Seaskaren Federakuntzan eta Lehen Hezkuntzako irakasle berrien Matematikako formakuntzan parte hartzen du. Matematikako irakaslea ere bada Piarres Larzabal kolegioan. Pedro José Macho Aguillo, Hezkuntza ikuskaria Bilbon jaioa, 1962an. Irakasletzan diplomatua eta Filologian lizentziatua, irakasle aritu da LHn, DBHn eta Lanbide Heziketan. Haur Hezkuntzaren D ereduko Goi Mailako Heziketa Zikloaren sortzaileetariko bat da eta Steilas sindikatuaren Hezkuntza Batzordeko kidea. Hainbat gizarte mugimendutan hartu du parte, LGTBIQ askapen mugimenduan, nazioartekotasunean, genero berdintasunean eta antimilitarismoan bereziki. Hamar urte daramatza Hezkuntza ikuskari. Agurtzane Martinez Gorrotxategi, Mondragon Unibertsitateko irakaslea Erandion jaioa (Bizkaia), 1966an. Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea. Irakasle aritu da derrigorrezko hezkuntzan eta gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzietako fakultateko irakaslea da Irakasletza graduan eta Berrikuntza Masterrean. Azkeneko horren koordinatzailea da. ZEHAR ikertaldearen koordinatzailea ere bada eta irakaste eta ikaste prozesuak ditu aztergai. Irudia: Joseba Larratxe
news
argia-634ef3f2668d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/terra-incognita.html
Terra incognita
Bea Salaberri
2017-01-29 00:00:00
Terra incognita Urte hondarra, beste anitzek ez bezala, maite dut nik. Egun gutxi geratzen zaion urtea buka dadin goaitatzen dugu, humanitateak deus mirakulurik egiteko esperantzarik gabe, oraino okerrago egin ez dezalako itxaropenarekin, gogoaren pelegrinazio libreetarako tartea. Izan ere, bi egiteko dira garai horretan. Bata, proiektu berriei buruz pentsatzea: alfer gaudela planifika daiteke bat-batean soberan ditugun kemenak xurga litzakeen asmo zenbait. Bestea gogoetatzea egindakoaz. Edo biak betan.  Hastapenean lehenari lotu nintzaion eta sarera jo nuen. Laster nekaturik, bigarrenera lerratu nintzen Google lagun –daitort–, GoogleMaps aplikazioa sustut. Geolokalizazioaren erregea da Google eta berez iraultza: ez dugu deus aurreikusten duela hamabost urte bezala, ez ditugu lankideei azalpen zehatzak galdetzen lan bilerako aretoa aurkitzeko, ez da Bilboko manifara heltzeko bideaz kezkatzerik, ez ditugu IGN mapak baliatzen. Dena kartografiatua da, etxetik beretik ikustekotan. Baserri aldeetako txoko galdueneraino heldua da kontua, batere mugitu gabe ikuska baitaiteke edozein zoko, bi nahiz hiru dimentsiotan. Oro. Edo kasik. Horrela beraz, tresna baliatu nuen ibiltzeko, oroitzapen zenbaiten elikatzeko tokietan, bakarrik edo besteekin kurrituetan. Ezaguna baita ibili garen lekuek segitzen dutela beteak gertakariz eta pertsonez zeinekin han ibili baikara, zeinekin han deus partekatu baitugu, zeinen ahotsek oraino oihartzun egiten duten. Banindoan orduan sofatik mendixka leunen lurraldean zehar, soropila goxoz estali tontor berdatsen eremuan, nonbait galtzen Donamartiri eta Amorotze artean, Oragarre ez urrun, errealak ziruditen paisaiak behatzera. Tupustean gelditu behar izan nuen haur denborako xendra baten erdian. Dudarik gabe, bidea kaskarregia bihurtua zitekeen, Google -k ez zukeen oraindik 4x4rik edo horraino heldurik iritzi zukeen ez zuela merezi urrunago joatea. Auskalo. Amore emanik itzuliz, bihurtu zituen terra incognita . Haraindiko lur horiek, katalogatu eta ustiatu gabeak, Google -k han utziak ditu eta imajina daiteke abandonatzea erabaki duen bidezidorretik jarraikiz lanjer guztiak ditugula zain, hortik landa ez dela deus tematzea merezi duenik. Itxasoko Nabigazionekoak (Piarres Etxeberri, Etxeberri Dorre-ren Nabigazioneac , 1677) erraten zien marinelei "Iakiteko duzu nahi baduzu sarthu…" erretorikoa, ausarten larderiarako doikoa. Baliteke, beraz "Jakiteko genuke Haizeko oihan zolara sartzekotan han zain daukagula Leviathan-a edo munduaren muturreko ezereza?". Nahiturik eta erreka agorturik! Ezin pantailara materializatu leku horiek denak zeinetara ez nintzen berehalakoan joaten ahalko eta hainbeste nahiko nituzkeenak ikusi, behin eta berriz. Hots, ni horretantxe gelditu nintzen, imajinazioari deika. Orduan hasi ziren bazterrak animatzen, hats berria hartzen, bidexkan beti harago joaten entseatzen nintzela eta luze gabe igo ziren niganaino solasak, usainak, haize bipila. Kartografia partikularrak, dena dela, planorik jasan ez dezaketenak. Ororen buru grazia egin zidan kontuak. Terra incognitak badira oraino, ez direnak bilduak, gatibatuak. Araiz, badaude anitz, tristea bailitzateke beste gisaz. Harago badira gure baitakoak, hementxe bakarrik kartografiaturik daudenak, eremu, sentsazio, irakaspen eta guzti. Oroz gainetik, bada terra incognita bat zuen guztientzat, nirea dena bakarrik. Mapa eta lurraldea hain ezberdinak diren bezala, ikusiko bazenute ere nik behatzen dudanean bezainbatekoa ez bailitzateke.
news
argia-98fd5f62478b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/urak-askotariko-altxorrak-gorde-ditu-yucatanen.html
Urak askotariko altxorrak gorde ditu Yucat�nen
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-01-29 00:00:00
Urak askotariko altxorrak gorde ditu Yucat�nen Mexikoko Antropologia eta Historia Institutu Nazionalak eta National Geographic Societyk Gran Acuífero Maya proiektua jarri zuten abian, Yucatángo penintsulako urez betetako hainbat kobazulo ikertzeko. Honez gero, gonfoterio –egungo elefanteen arbaso– baten baraila (argazkian), eta penintsulako lehen giza biztanleena izan daitekeen garezurra aurkitu dituzte, biak duela 10.000 urte ingurukoak. Maien aldare bat eta osorik dagoen murko bat ere aurkitu dituzte. Eta aurkikuntza material horiek nahikoak ez balira, denboran zehar kobazulo horietan uraren mailak izan dituen gorabeherei esker, klima aldaketari buruzko datu baliagarriak jasotzen ari dira.
news
argia-d1c4ea42f665
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/saski-zulatua.html
Saski zulatua
Estitxu Garai Artetxe
2017-01-29 00:00:00
Saski zulatua Jordi Pujolen sasoian Kataluniako Gobernuak Madrilekin zerabilen negoziazio era izendatzeko Peix al cove (arraina saskira) metafora erabiltzen zen. Alegia, hobe dela arrain bat saskiratzea, aukeran hamaika izatea baino; eskuragarri ikusten diren lorpenekin konformatu behar dela. Bada, katalanak aspaldi konturatu dira, arrain-hondarren eskean ibili eta indarrak etengabeko ukazioari erantzuten ahitzea baino, puskaz hobea dela menpekotasunik gabeko saskia eskutan hartu eta arrain bilketa burujabeki antolatzea. Kataluniako herria subiranotasunaren bidean buru-belarri sartuta, EAJri egozten zaio orain baxurazko arrantzara itzultzea. PPren gutxiengoa eta bien ala bien aurrekontuak onartzeko premia tarteko, harremanen hobetzea eszenifikatu dute. Izoztea edo desizoztea nolanahikoa izanda ere, nabarmena da negoziazioen abiapuntua gaiztoa dela. Alferrikakoa baita zulatuta dagoen saskira arrainen bat sartzeko ahalegina. Espainiako Gobernua eta Konstituzio Auzitegia arduratu dira saski hori zulatzeaz: eskuduntza transferentzia blokeatuta egoteaz gain, birzentralizazio ekimen nabarmena dago alorrez alor eta euskal erakundeen erabakiak sistematikoki gutxiesten dira helegite-oldearen bidez. Autogobernuan aurrera egitea saihesteaz gain, atzera bidea dakar horrek. Negoziazioetan eginkizun garrantzitsua izango omen duen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak berak halaxe aitortu du: autogobernua larriki higatu dute. Halere, nahiz eta eskumenen urraketei erantzuteko deia luzatu duen, azpimarratu du kasu guztietan Madrilekin negoziatzea izango dela lehen aukera, helegiteak aurkeztea saihesteko. Saski zulatua hornitzeko alferlana berriro ere. Era horretan, negoziatu beharrekoa atzera emandako pauso guztiak leheneratzea izango baita, benetako auzi politikoa alde batera utzita. Kataluniako herria subiranotasunaren bidean buru-belarri sartuta, EAJri egozten zaio orain baxurazko arrantzara itzultzea. PPren gutxiengoa eta bien ala bien aurrekontuak onartzeko premia tarteko, harremanen hobetzea eszenifikatu dute. Izoztea edo desizoztea nolanahikoa izanda ere, nabarmena da negoziazioen abiapuntua gaiztoa dela Aurki 40 urte beteko ditu Gernikako Estatutuak, eta Espainiako Gobernuak sinatutakoak bete gabe segitzen du. Zeharo ezberdina litzateke abiapuntua hauxe izango balitz: sinatutako kontratua ez duzue bete, hortaz, kontratua bertan behera geratzen dela deritzogu. Estatutuaren testuak ez du gauzatzeko epea zehazten, edozein kontraturen funtsezko atala, alegia. Horrek esan nahi du Espainiako Gobernuak sine die atzeratu dezakeela eskuduntzak euskal erakundeen esku uztea. Hori gutxi balitz, jada transferituta dauden ahalmenen gaineko etengabeko helegiteek behin eta berriro ezeztatzen dute alor horietako autonomia. Eta saskiaren zuloa handituz doa. Beste horrenbeste gertatzen da kupoari dagozkion elkarrizketekin. Zer ordaintzen dute EAEko eta Nafarroako erakundeek kupo edo ekarpenaren bidez? Nahi eta behar al ditugu "zerbitzu" horiek? Ez dakit oso presente ote dagoen kupoaren bidez ordaintzen dena, besteak beste, Armada, Polizia Nazionala, Guardia Zibila, CNI-a, errege-erreginen familiaren luxuzko bizimodua, Espainiako kirol selekzioak edo Auzitegi Nazionala direla. Uxue Barkos lehendakariak, esaterako, bere irizpide propioen arabera kalkulatu du Nafarroak ordaindu beharreko kopurua. Zenbakia alde batera utzita, ez legoke gaizki barnebiltzen duenari buruzko eztabaida abiatzea. Bestela, zeharka, gure herriaren ukazioan eginkizun zuzena duten eta batere maitatuak ez diren erakundeak finantzatzen geundeke. Eta saskia zume barik uztea litzateke hori. Negoziazio antzuen gurpil zoroa eteteko aukera bakarra burujabetzaren aldeko jarrera irmoa hartzea da. Gaur egungo marko legal eta juridikoan atzerakada inposatzen duen ufada birzentralizatzaileari eusteko, inoiz baino presenteago egon behar da erabateko subiranotasunaren aldarrikapena. Kataluniar herriaren gisara, guk ere hobe genuke Espainiako Estatuaren soka askatu eta gure saski propioa irutea.
news
argia-45cbf0a850b6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/sagard-eta-huroiak.html
Sagard eta huroiak
Jakoba Errekondo
2017-01-29 00:00:00
Sagard eta huroiak Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko joera dugu: hau hemengoa da, hori hangoa, bestea haragokoa... Landareen harat-honaterako joan-etorriek eta eraman-ekarriek munduaren historiaren soka osatzen laguntzen dute. Soka hori ahulagoa da maiz, alak errioan uzten duen ubera baino; soka baino gehiago albainu da. Hara gero landareak definitzeko premia: hau inbaditzailea da, hori immigrantea, hura hemengoa, beste hau "beti" hemen izan da, horko hori familiako armarrian dugu... Eta armarritik kalapita besterik ezin etorri. Getozka (Arg.: Frank Vincentz-CC By SA) Getozkarekin, adibidez, polita dabil jakintsuen artean. Gaur egun Ameriketan batean eta bestean ederki bizi bada ere, "beti" uste izan da getozka Eurasiako landare bat dela. Arkeologoen lanen ondorioz, ordea, orain badakigu 1492 baino lehenago bazela getozka. Crawford aintziran topatuak dituzte haren polena eta haziak 1360-1650 urte arteko jalkinetan. Oviedo kronistak aipatzen du 1526an Atlantikoaren bi aldeetan bazela getozka. Huron indigenek artoa ( Zea mays ) eta ekilorea ( Helianthus annuus ) lantzen zituzten, eta tartean hazten zen getozka ere jaten omen zuten. 1623an Gabriel Sagard izeneko fraide frantses batek lurralde haien deskribapenean argi azaltzen du getozka ugaria zela arto eta kuia soroetan. Fraideak, huronera-frantsesa hiztegia osatzeaz gain, hango berri emanez liburu sorta argitaratu zuen. Non eta noiz jaioa zen ez badakigu ere, inguru hartan Sagard izena jarri zioten herri bati. Eta bi teoria daude. Baga, naturalena: txoriek jan getozka haziak, eta beren bisitetan hedatu zuten Ameriketara. Biga, antropozentrikoa: Kolon aurretik bikingoek eraman zuten. Baina haien lurraldeetan, ia denak 60º-ko latitudetik gora, ez dago getozkarik (Islandia, Groenlandia, Ternua...). Hirugarrena ere botako dut, beroarena kendu gabe: eta euskaldunek eraman bazuten? Hemen bada getozka, eta han gure arrantzaleak ibilitako lurraldeen inguruan azaldu zen. Kolon aurretik. Eta artoa eta kuia ere lehenago ekarri bazituzten hona? Eta Sagard bera, Sagardi edo Sagardia bazen?
news
argia-e2f8bdbc59c7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/kapitalismoa-ardi-larruz-jantzia.html
Kapitalismoa ardi larruz jantzia
Juan Mari Arregi
2017-01-29 00:00:00
Kapitalismoa ardi larruz jantzia Munduko elitean dauden enpresa, gizarte eragile, politikari eta intelektualen artetik 2.500 lagun bildu ziren Davosen eta pertsonako 20.000 euro gastatu zituzten lau egunetan, munduko egoera aztertu eta kapitalismoak hobeto funtzionatzeko modua aurkitu nahian. Egokitu eta berrasmatu, eraberritu. Horixe da munduko kapitalismoaren guruen mezua. Euren sistemak sortzen duen desberdintasunarekin eta industria iraultza berriarekin kezkatuta, egoerak muturrera egin eta jasanezina bihurtzeko beldur dira, sufritzen ari den masa horrek planto egin eta iraultzari ekitearen beldur. Industria iraultza berriak ekarri duenaren adibide bat: makina eta robotek AEBetan taxiak, kamioiak eta abar gidatzen dituzten hamabi milioi lagun langabezian utz ditzakete, automatikoki gidatuko baitira. Eta badaude enplegu suntsiketa masiboa ekar dezaketen beste hainbat adibide. Badakite euren sistemak langabezia, migrazioak eta heriotza sortzen dituela, hainbeste, ezen orain "merkatuan oinarrituriko sistema inklusiboak" sortu nahi dituzte. Hau da, esplotaturiko klaseak euren sisteman pixka bat integratu nahi dituzte, iraultza soziala egiteko tentazioak alde batera utz ditzaten. Jakin badakite etekinen pilaketa egunero handiagoa dela, eta arrakala soziala ere handitzen ari dela; horregatik diote euren aberastasuna "hobeto" banatu behar dela –langileen soldatak apainduz, besteak beste–, baina pasa gabe... Eta euren gestore politikoei dei egin diete "iparrorratz eta radarrez" agindu dezatela, jendearen nahigabea ahalik eta azkarren antzeman eta protestak ez dezan esku artetik ihes egin.
news
argia-2fa35bd06ab6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/vendettako-enrikko-rubinos.html
"Dena oso indibidualista bihurtzen ari da"
Iker Barandiaran
2017-01-29 00:00:00
"Dena oso indibidualista bihurtzen ari da" Vendetta talde nafar ekimentsuak bosgarren diskoa kaleratu du. Trilogia baten hasiera da. Lan berriak Bother izena du, ska estilora itzulera irudikatzen du are eta indar handiagoarekin, baina elektronika ere nabarmen erabiliz. Musika itsaskorra, erritmikoa eta egiazkoa transmititzen dute. Enrikko Rubiños bateria jotzailearekin hizketaldia izan dugu. Jendaurrean plazaratu zenetik, 2009an,  kilometro ugari egin ditu Vendetta talde nekaezinak. Kilometro horiek bizipenak ere badira. Motxilan daramatena han-hemenka plazaratzen ari dira. Hala, ska errotik sortu arren, boskotea beti ahalegindu da berrasmatzen eta sonoritate desberdinak lantzen: ska, rocka, latinoa, tempo erdiak, hit!-ak bihurtutako piezak.. Zergatik erabaki duzue trilogia bat egitea? Zer historia dago atzean? Zer helburu dauka? Bideoklipen trilogia planteatzerakoan asmoa izan da ohikoa ez zen zerbait egitea: gehiago ematea, buelta bat gehiago. Bideoak ere, banaka, ikusgarriak izatea nahi izan dugu, zerbait "modernoa", efektuekin, Bother diskoaren kasuan bezala. Oso pozik geratu gara Taom ekoiztetxekoek egindako lanarekin. Historiari dagokionez, eta lehenengo bideoa ikusi baduzue, kapsula bat azaltzen da bertan, eskutik eskura dabilena. Horren bueltan dator trilogia. Zer gordeko ote du kapsula horrek? "Kontzertuetara joateko ohitura ekarriko nuke nik atzerritik; adin guztietako jendea batzen da ikustera eta dantza egitera" Nola egituratuko duzue trilogia? Lehenengo bideoa kalean da azarotik. Aurkezpen berezi bat egin genuen Bilboko Kafe Antzokian, bertan hiru bideoak ikusi ahal izan ziren. Beste biak aspalditik eginak daude, eta bigarrena aurki askatuko dugu. Hirugarrena aurrerago. Bother . Nor gogaitu nahi duzue? Kontzientziak astindu nahi ditugu, bakoitzaren pentsamenduak. Jendeak pentsatu, mobilizatu eta inplikatu egin behar du gizartean. Gaur egun, dena oso indibidualista bihurtzen ari da, gizarteak ez du erreakzionatzen. Zer datorkizu burura lehenengoz Bother lanaren sorkuntza eta garapenean pentsatzean? Izugarrizko lan pila urtebete eskasean. Talde askok konposatzeko eta grabatzeko etenaldi bat egiten dute, baina hori ez da Vendettaren kasua. Guk konposatu, entseatu, bideoak grabatu eta lan hori guztia, biran gauden bitartean egin ohi dugu normalean, etenik gabe. Gogoko dugu eromen puntu hori. Diskoaren estetika futurista eta apokaliptikoa da. Zer irudikatu nahi izan duzue, beldurrean oinarritutako estatu poliziala? Ufa! Ze ezaguna egiten zaidan "beldurrean oinarritutako Estatu polizial" hori, ezagunegia gauza onerako. Lehenengo bideoa ikusterakoan hori etor dakioke burura ikusleari, baina beste bi bideoei itxaron behar! [Barrez ari da]. Nire ustetan ska oinarriak gero eta pisu handiagoa dauka; kantu ia guztietan dago presente iraganeko beste estilo batzuei lekua hartuz. Zer diozu? Arrazoi guztia duzu. Bother da Vendettaren disko guztietan ska gehien duena. Pellok eta Jabierok egiten dituzte kantuak, eta era naturalean ateratzen zaiena islatzen da diskoetan. Abesti asko genituen, baina gero bozketa egin eta denon artean erabaki genuen zein kantu sartu eta zein ez. Oraingo hau ska diskoa da zalantzarik gabe, musikak ahozko komunikazioaren bitartez transmititzeko aukera ematen digu. Berrikuntza handiena elektronikaren erabilera da. Zer dela-eta? Bitxia da... Kamikaze Tour birako zuzenekoetan jada elektronikarekin jolasten hasi ginen eta gustatu zitzaigun. Indarra ematen diola iruditu zitzaigun. Orduan, ska musika ukitu elektronikoekin nahastea ideia ona zela pentsatu genuen. Baina tentuz egin beharreko lana zela jakitun ginen, gehiegizkoa gerta ez zedin. Bi estiloak uztartzearen lan gogorra Pellok hartu du bere gain, oraingoan diskoaren ekoizle lanetan aritu da-eta. Oso gustura gaude emaitzarekin. "Biran gauden bitartean konposatu, entseatu eta bideoak grabatu ohi ditugu, etenik gabe. Gogoko dugu eromen puntu hori" Dub-ean sakontzeak edo elektronikaren dantzagarritasunak erakartzen zaituzte gehiago? Biek. Gure disko guztietan dago eboluzioa eta dub-ean arakatzea interesgarria da. Horrez gain, ska bera nahiko dantzagarria da eta horri elektronikaren ziztadatxoa sartzen badiozu are gehiago, ezta? No volveré, Ya no vuelve quien se va. Ya nadie vuelve al nido sin hacerlo estallar... Alde egitea, itzultzeko zailtasuna... oso presente daude diskoan. Emigrazioa, errefuxiatuak dituzue gogoan? Bai. Jabierorena da kantu hori, berak baditu immigranteak diren gertuko lagunak. Denak dakigu migranteen egoera oso gogorra dela aspalditik: ematen zaien trataera ez da egokia, ez gizartearen aldetik, ezta erakundeen aldetik ere. Ez dugu oroimenik, ez dugu gogoratzen gure aitona-amonei, arrazoi bat edo besteagatik, migratzea tokatu zitzaienekoa. Asko bidaiatzen duzue... Zer aurkitu duzue kanpoan? Zer ikasi edota ekarri dezakegu kanpotik? Kontzertuetara joateko ohitura ekarriko nuke nik atzerritik. Berdin du, areto batean, plaza batean edo etxe okupatu batean den. Frantzia, Suitza eta Alemanian, esateko, adin guztietako jendea joaten da kontzertuak ikustera, eta dantzatzera. Latinoamerikan kontzertuak nola bizi dituzten ikaragarria da: oso sutsuak dira, futboleko hooliganak dirudite. Argentinan ikaragarria da publikoa kantuan ikustea, eta dantzan, ufa! Oilo ipurdia jartzen zait oroitzean. "Elektronika eta ska uztartzearen lan gogor hori Pellok hartu du, diskoaren ekoizle lanetan aritu da eta"   Euskal Herria eta euskal izaera askotan agertzen dira diskoan. Garena eta duguna kanpoan ere erakutsi nahia? Edozein lekutan jotzen dugula, beti hartzen dugu kontuan nondik gatozen. Musika talde bezala konpromiso hori nahitaezkoa da. Euskal Herria zer den, euskal kultura eta izaera nolakoak diren, eta Euskal Herria non dagoen argi kokatzen saiatzen gara goazen tokira goazela, Madril izan edo Buenos Aires. Horren haritik, Batasuna abesti berritzailea iruditu zait musika zein hitzei dagokienez. Ados zaude? Bai, kantu bitxia eta indartsua da, batasunak ematen duen indarra dauka kantu horrek. Zuk aipatutako euskal izaera inoiz baino batuago izan behar baitugu kanpoko eragileei aurre egiteko. Gero eta hizkuntza gehiago uztartzen dituzue, askotan kantu berean. Mezua biderkatu nahi duzue? Kultur aniztasuna bultzatu? Beti nahastu izan ohi ditugu hizkuntzak, baina arrazoi duzu, disko honetan nabarmenagoa da. Asko gustatzen zaigu sonoritatean aberatsagoa delako, eta horrek mezua biderkatzen laguntzen badu, hobe!
news
argia-12f6b4d6a75c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/kondentsazioa.html
Kondentsazioa
Igor Estankona
2017-01-29 00:00:00
Kondentsazioa Karlos Aretxabaletak (Kigali, 1990) eta Mikel Mansok (Gurutzeta, 1990) Jon Amorrortu  deustuarra hartu dute bidelagun, azken hau ere adinez kidekoa, jar diezaien euren poesiari marrazkia. Zuri-beltzeko ilustrazioa, sano koloretsuak begitandu zaizkidan poementzako. Liburua atera zaie soil bezain dotorea. Belaunaldi bat ordezkatzen dute hiruek sarean dabilena, literaturaz badakiena, freskotasun itzelarekin atrebitzen dena idaztera bizitzari buruz: "Xake partida mahai gainean,/ Marko Aurelio dut aurkari./ Arrazoia epaile". Belaunaldi horrek berak egiten du editore, beretzat argitaratzen du batez ere, zirkuluak ditu atsegin. Babes horretan idatzia baina haizatzeko eta aipatzeko modukoa, Hitz Margotuak ez dakit aurkitzeko erraza edo zaila izango den, baina merezi du ikusteak zelan ezkontzen diren askotan eskarmenturik eza eta maisutasun berezkoa. Mikel Manso errepikapenen, hoskidetasunen eta jokoen zaleagoa da. Errima ere badarabil. Uluen moduko lerro laburrak eta jendeen lehen berba labur eta biluziak ditu maite. Surrealismora egiten du batzuetan, lo-kantara edo baladara bestetan: "Ezin jakin, ezin igirri/ baie hor eukiko nozu/ negarra sikitako,/ odola garbitako,/ kerixa argitako/ airean mogitako/ barre iteko, zuretzako". Jolastia baina sakona, kapaz da amari buruz hitz egiteko umeen xalotasunarekin, eta gai tribialak janzteko eite klasikoarekin.  Karlos Aretxabaleta kontrapuntua da, ostera. Poesia deskriptiboa, poesia filosofikoa. Pieza batzuk ia-ia narrazioaren alorrean daude, istorioak kontatzen ditu: "Behin batean ume-umea nintzela,/ lagun batek, lotsaturik, begietara/ zuzenean begira eta eskuetatik helduta/ horrela aitortu zidan:/ – Nire bihotza mintzo da". Eta gertakizun mundutarrekin urreratzen da munduaren esentziara. Liburuan ez dago edertasunaren bilaketa bakarrik. Batez ere ahots propioaren bilaketa dago. Literaturan modu batera edo bestera kokatu, autore biek ala biek dute joera mamira joatekoa, hitz egiteko beharrizanak gidatuta. Zuzenago zein zeharka, mamuak astintzeko grina opatzen digute: "Munduarekiko eta biziarekiko dugun ikuspegiaz mintzo gara, gure irrikak marrazkiez osatuz".   Irudiak eta bi bide, liburu honetan gurutzatzen direnak. Bata hizkuntzaren formen amarru ederren bidea, bestea kontakizunaren plazerarena. Hitz Margotuak ahalegin on bat da sublimaziora bidean, uneka asmo hutsean geratzen dena, baina edozelan ere ausarta eta interesgarria.
news
argia-96ed38f8f327
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/espainiarren-eta-euskaldunen-arteko-gerra.html
Espainiarren eta euskaldunen arteko gerra
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-01-29 00:00:00
Espainiarren eta euskaldunen arteko gerra Potosi (egungo Bolivia), 1622ko ekainaren 8a. Garai hartan Peruko Erregeorderriaren parte zen hirian, Juan Urbieta euskalduna hil zuten, eta bikuinen eta euskaldunen arteko gerra piztu zen. Bikuinak espainiarrak ziren, nagusiki gaztelarrak, andaluziarrak eta extremadurarrak; animalia horren ilez egindako txanoak eraman ohi zituztelako esaten zieten horrela. Potosi Cerro Rico (kitxuaz Sumaq Urqu) mendiaren magalean dago. Eta Cerro Rico zilarrez beteta zegoen garai hartan. Gatazka hasi baino 60 bat urte inguru lehenago hasi ziren zilar meak ustiatzen eta hasieratik euskaldunak izan ziren nagusi negozio horretan. Bartolome Arzans de Ursua y Vela (1674-1736) Potosiko kronikagilearen esanetan, bailarako132 ingenio -tatik 80 "nazio horren" esku zeuden, euskaldunen esku, alegia. Zilarra erauzteko instalazioei eta  makinei esaten zieten ingenio . Hala, kopuruz gutxiengoa izanagatik, euskaldunen esku zegoen botere ekonomikoa eta, ondorioz, baita politikoa ere. Arzansek berak "euskal hegemonia" hitzekin definitutakoa hausten saiatu ziren bikuinak, modu baketsuan hasieran. Baina 1622ko Potosiko kabildorako hauteskundeak berriro ere euskaldunek irabazi zituztenean, beste bide batetik jotzea erabaki zuten. Bikuinek Juan Urbieta hil eta biharamunean, euskaldunak kalera atera ziren hilketa mendekatzeko asmoz. Arzansen hitzetan, " diziendo en su lengua ¡el que no responda en vascuense muera! ", euskaraz egiten ez zuen oro hilko omen zutela, alegia. Muturreko hizkuntza politika hura ez zen eraginkorra izan, ordea. Alderantziz, euskal hiztunen kopuruak egin zuen behera; 1624ko martxorako 64 ziren hildakoak euskaldunen aldean. Bikuinek esperientzia handiagoa zuten gerra kontuetan eta gatazka irabaziko zutela zirudien. Baina bikuinak zatitzen eta, ondorioz, ahultzen hasi ziren eta euskaldunek, berriz, bat eginda eutsi zioten, behingoagatik. Azkenean, hiru urteko liskar, arpilatze eta kontu-garbitzeen ondoren, 1625eko apirilaren 19an barkamen orokorra deklaratu zuten. Berdinketa teknikoak ez zuen aldaketarik ekarri eta, praktikan, euskaldunek aurrez zuten nagusitasunari eutsi zioten. Hurrengo urtean, 1626ko martxoaren 15ean, emaitza hura berdintzeko edo, uholdeek Potosiko ingenioak suntsitu zituzten.
news
argia-07c5af5b5a90
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/gipuzkoako-erraustegia.html
Gehiago pagatuko dute... gehien birziklatzen dutenek
Pello Zubiria Kamino
2017-01-29 00:00:00
Gehiago pagatuko dute... gehien birziklatzen dutenek Gipuzkoako agintariek Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeko konpainia pribatuei eskaini dieten kontratuak lurralde hau kondenatzen du, errausketaren kalteak gutxienez 2051 arte nozitzeaz gain, azken zortzi urteotan lortutako aurrerabide osoa desegitera. Gehien murriztu, konpostatu eta birziklatzen duten udalerriak zigortzen ditu, kutsatzailenak saritzeko. Abenduaren 27an GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa kontsortzioak argi berdea emanik, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen datozen 35 urteetan lurraldeko hondakinak kudeatuko dituela Meridiam Investsments, Urbaser, Altuna y Uria, Murias, Moyua eta LKS kooperatibak osatutako enpresa taldeak. GHKk hautatu duen proposamenak zehazten ditu Urbaser eta bere taldeak zein baldintzatan hartuko duten enkargua. Erraustegia eraiki eta martxan jartzeko 30 hilabeteko epea izango dute eta ondorengo 32 urte eta 5 hilabeteetan kudeatuko dituzte Gipuzkoako hondakinak. Lerrootan saiatuko gara argitzen kontratu honen kostu ekonomikoak zein izango diren udalerri bakoitzarentzako, aurretik argituz proiektu osoa izango denaren lehen faseaz ari garela beti. Kontratuak iraungo duen epean Urbaser eta besteek bi ataletan banatutako faktura pasatuko diote GHKri, honek mankomunitateen bidez gero udalei kobratzeko. Alde batetik, aurrez iragarri bezala, zerbitzua jasotzeko eskubideagatik (PPD gaztelaniazko sigletan, Pago Por Disponibilidad) 21.672.069 euro pagatuko du urtean Gipuzkoak, hau da, 32 urte eta 5 hilabetetan 702.536.237 euro. Fakturaren bigarren parteak bilduko du enpresek kudeatzeko jasoko dituzten zabor tonengatiko pagakizuna: tona bakoitzeko 3,80 euro TMB Tratamendu Mekaniko Biologikoa egiteko eta 11,80 errausteko. Denetara urtean zenbatera igoko da fakturaren bigarren zati hau? Erreferentziatzat harturik 2015ean Gipuzkoak sortu zituela 149.000 tona errefus, horiek aurrerantzean konstante mantentzekotan –Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak deklaratu berri du Gipuzkoak aski zabor sortuko duela erraustegia elikatzeko kanpotik ekarri beharrik gabe…– urtean 2.309.580 euro pagatuko dira, epe osoan 74.868.885 euro. Bigarren faktura hau gehiturik aipatu PPD edo zerbitzua jasotzeko eskubideari, denetara 2051 arte errefusak tratatzeagatik pagatuko ditu 777,5 milioi euro, gehi prezioen urteroko eguneraketak aginduko duena. Erretzeko eskubidea, obligazio Agiri ofizialetan oso garbi ikusten denez, Gipuzkoako gizarteak hondakinak erraustearen fakturaren zati nagusia Zubietako Ingurumen Konplexua deitu erraustegiaren bazkide izateagatik pagatuko du, hau da: %90 bazkide kuotatan eta %10 baizik ez sortutako zaborraren arabera. Hemen datza oraindik Gipuzkoan aski zabaldu ez den eztabaidaren beste osagai nagusi bat. Osasunean, enpleguan, ingurumenean edo Ekonomia Zirkularrerako trantsizioan errausketak sortzen dituen kezkez gain, bere finantzatzea arras modu injustuan burutuko dela, ondoen ari direnak zigortuz eta gaizki ari direnak sarituz. Gipuzkoako biztanle guztiek erraustegiaren kostuak kasik berdintsu pagatzea erabaki denez kontratuz, errefus gutxiena sortzen duten herriek tona bakoitza  urrearen truke pagatuko dute. Zenbat? Erraustearen kostuak udalka nola bana daitezkeen kalkulatu dugu, GHKk Urbaser eta besteekin hitzartutako kontratuaren irizpide berak aplikaturik GHKren mankomunitate eta udalekiko harremanetara. ARGIAren Interneteko gunean egongo da prestatu dugun simulazioaren koadroa osorik ikusgai. Kronika honen ondoan doan grafikoa osatzeko, berriz, simulazio osoaren atal batzuk nabarmendu ditugu: udal bakoitzak zenbat errefusa sortzen duen biztanleko/urteko, urtean denetara zenbateko faktura iritsiko zaion eta sortutako errefus tona bakoitza erraustea zenbat eurotan atera dakiokeen. Irakurlea koadroa ikusirik fite ohartuko da nortzuk diren zigortuak eta nor sarituak. Zigorrik handienak gaikako bilketa eta birziklatzean txapeldunenentzako dira: Ormaiztegiri tona bat errefus erraustea 1.214 euro aterako zaio, Orendaini 1.478… Aldiz, Gipuzkoan biztanleko errefus gehiena sortzen duen Getariari 87 euro, pertsona-urteko 300 kilotik gora dabiltzanetan Debari 114 euro, Hondarribiari 116 euro, Iruni ere 116… Atez Atekoarekin errefusa gehien murriztea lortu dutenek larrutik pagatuko dute erraustegiari entregatutako tona bakoitza: Antzuolak 609, Oñatik 433, Usurbilek 521, Zaldibiak 582, Hernanik 497… Aldiz, Usurbil hasiz geroztik zortzi urte luzeotan bilketa oso gutxi hobetu dutenak ateratzen dira saritu: Donostiak 123 euro tonako, Eibarrek 161, Errenteriak 157, Andoainek 146, Lasarte-Oriak 145… Kontua da hondakinen tarifak antolatzeko GHKren logika hau Europar Batasunak ekonomia zirkularraren inguruan agindu eta iradokitzen dituen irizpide guztien kontra doala. Kudeaketa onaren logikaren kontra ere bai: hondakinen murrizketak eskatzen du gaikako bilketa onean gehiago gastatzea, gero tratamenduan aurrezteko. 2015eko ziabogatik, atzeraka Baina hau ez da berria Gipuzkoan. 2015ean EAJk eta PSEk Foru Aldundia hartu zutenean, aurreko legealdian Bilduk ezarritako tarifen eskema azpikoz gain jarri zuten. Hasteko, errefusa %11 garestitu zieten udalei, baina askoz gehiago bereiz bildutako organikoa, %44-88ko igoera. Gainera, organikoari prezioa finkatzeko irizpide berriak ezarri zituzten. Zeren arabera pagatzen du gaur organikoa udal bakoitzak? 2016ko martxoan onartutako tarifetan, organikoari errefusaren prezio bera ezarri zioten (aurreko legealdian erdia zen), ondoren hobari bat eginez segun eta bere mankomunitateak zenbat organiko entregatzen duen: %15etik %35era doaz hobariak. Tarifak ez du zerikusirik ez GHKren konpost planten gastuekin, ezta merkatuan organikoa tratatzeagatik enpresa pribatuek kobratzen dutenarekin ere. Zikulu-saltsa hau ulertzeko, balio bezate San Markon Atez Atekoan ari diren udalek. Errefusa 2017an kobratuko diete 173,12 euro tonako eta organikoa 138,49 (2015 arte 70,88 kobratzen zitzaien!) zergatik eta San Marko mankomunitateak osotasunean biltzen duen organikoaren araberako tarifa aplikatu zaiolako. San Markon Atez Atekoan ari diren udalek askoz organiko gehiago biltzen dute, baina Donostia, Lasarte-Oria, Errenteria eta besteek osatutako bataz bestekoan erortzen dira, horrela galduz beren bilketa onari dagozkion hobari hobeak. Bada okerragorik, ordea. Iazko udan Gipuzkoako zenbait udalek mankomunitateetatik irten eta ongi berezitako hondakinak beren kontura kudeatzeko hipotesia landu zutenean, merkatuan aurkitu zituzten hornitzaileak GHKrenak baino askoz prezio hobeetan hartuko lizkieketenak, bai organikoa (75 euro bezain merke) eta bai azken errefusa (110 eurotan). Pentsa zer nolako ruina den horrelako udalerri batentzako urtero galtzea –erraustegiagatik tokatuko zaion dirutzaz gain– hondakinak merkatuan baino askoz garestiago entregatu beharragatik… teorian borondatezko bazkidea den mankomunitateak ez diolako baimentzen beste inori saltzerik. 2051 arte erraustegiaren gatibu 200.000 tonako erraustegia eraiki nahi da Gipuzkoan, non gaikako bilketa txukuna egiten duten herrien ereduak zabalduz gero 50.000 tona errefus baizik sortuko ez liratekeen. Duela zortzi urte Usurbil Atez Atekoan hasi zenetik erakutsi da hori hilabete gutxitan lortzeko modua badagoela. Aldiz, EAJk eta PSEk kontratista pribatuei bermatu diete Gipuzkoako udal guztiak 35 urtera arte haien eta erraustegiaren gatibu geratzea, errausteko eskubidearen tasa pagatzera derrigortuz. Erraustegiaren kontratuak markatutako tarifek animatzen dituzte udalak zabor nahasiak gutxitu ez baina orain adina edo gehiago sortzera, gaikako bilketan eta murrizketan egin beharreko esfortzuak ez baitira saritzen, zigortu baino. Eta hala eta guztiz ere udalek erretzeko aski zabor sortzen ez badute, ia berdin pagatuko dutenez erraustegiaren kostuen hamarretik bederatzi, Urbaser eta beste kontratistek Zubietako labeak eskainiko dizkiete Gipuzkoaz  kanpoko zabor sortzaileei. Zaborren import-export negozioaz bada esperientzia Europako leku askotan.
news
argia-19807f89c7bc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/jose-luis-zumeta.html
Aske kolore biziak
Xabier Gantzarain
2017-01-29 00:00:00
Aske kolore biziak Beste artista batzuen aldean euskaldunarentzat ezaguna da Jose Luis Zumeta Etxeberria (Usurbil, 1939ko apirilaren 19a). GAUR taldeko kidea, gero Ez Dok Amairun ibilia, Mikel Laboaren azalen egilea, hainbat afixa ezagunena, Artzeren xoriak marraztu zituena… Ezin da ulertu 60ko hamarkadatik honako euskal kulturaren iruditeria Zumetaren lana aintzat hartu gabe. Eta jarraituko duela ematen du: erreparatu bestela ze presentzia hartu duen bere Gernika koadroak azkenaldian. Bere ibilbide luze eta oparoan era askotako lanak egin ditu Jose Luis Zumetak, baina abstraktuak gehienean, horregatik da hain harrigarria 70eko hamarkada bukaerako aldia Marrazten ona zela eta Donostiako Valverde inprentan hasi zen lanean 14 urterekin. Han ikusi zituen lehen aldiz, erreprodukzioei esker, bizitza aldatuko zioten Cezánne, Modigliani, Picasso, Klee… Margotzen hasi zen. 15 urterekin pintore izan nahi zuen. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ibili zen. Parisera joan zen 1959an, Rafael Ruiz Balerdi ezagutu zuen han. 1967an "Euskal Pinturaren Sari Handia" lehiaketa irabazi zuen, Pablo Picassoren Gernikari omenaldia lanarekin. Lan hori desagertuta dago egun. Desagertuta dago, halaber, 1974an Pasaian jarri zuen zeramikazko murala, eskerrak zutik dirauen 1973an Usurbilen jarritakoak . Bere ibilbide luze eta oparoan era askotako lanak egin ditu Jose Luis Zumetak, baina abstraktuak gehienean, horregatik da hain harrigarria 70. hamarkada bukaerako aldi hau, zeinean artistak figurazio basati batekin erretratatzen duen bere ingurua, bere mundua. Bere jaioterriaren izena daraman koadro honetan, esaterako. Kritika soziala egin nahi zuela esan izan da, baina ez du ematen; koadro honetako figurak egon ziren garai batean bere jaiotetxean zegoen Zumeta jatetxeko sarrera-atearen alboetan pintatuta. Hori bai, okela zati horrek izua eragiten du, jendeen begitarte ilunek bezainbat.
news
argia-8f3c0b24c5f8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/reinare-en-espana-ezkioko-elizan-o-my-god.html
Reinar� en Espa�a. Ezkioko elizan. O, my God!
I�aki Mendiguren
2017-01-29 00:00:00
Reinar� en Espa�a. Ezkioko elizan. O, my God! Urteko azken egunean amak azken arnasa eman zuen, eta Urte Berri egunean eman genion lur hileta-elizkizunaren ostean. Hilkutxa aldare aurreraino eraman eta irten egin nintzen hilerrian itxaroteko. Elizan lehen ilaran geratu zen begi zorrotzeko batek espantuka deitu zidan gero Jesusen Bihotza ikusi zuela esanez, REINARÉ EN ESPAÑA mezuarekin! Lagunak biharamuna edo bestondoa izango zuela pentsatu nuen; edota 1931n Ezkion Ama Birjina "agertu" bazen, oraingoa osagarria izango zela agian, edo beste edozer gauza, baina ez egia izan zitekeenik.  Ba, bai, hantxe dago. Eta bat ez ezik, bi. Aldarearen alde banatan bi atril edo kantore daude, eta atrilaren azpialdea, hau da, ikus-entzuleen aldera dagoena, Espainiako armarria da: han daude lehoia, gaztelua, Nafarroako kateak… Herkulesen bi zutabeen ordez bi aingeru, eta armarri gehiena estaliz Jesusen Bihotza, azpian letra larriz idatzita REINARÉ EN ESPAÑA duela. "Oh là là!, mon Dieu!, ce n'est pas possible!". Begiak igurtzi arren, hantxe segitzen dute, ez dira ameskeria edo irudipena. REINARÉ EN ESPAÑA. Zur eta lur, galderaz betea nago: noiz eta nork jarri ote zituen? Eta ez ote ditu beste inork orain arte ikusi? Ez Ezkiotik igaro diren apaizek, ez elizako hautsak astintzen dituztenek... Zur eta lur, galderaz betea nago: noiz eta nork jarri ote zituen? Eta ez ote ditu beste inork orain arte ikusi? Ez Ezkiotik igaro diren apaizek, ez elizako hautsak astintzen dituztenek, ez orain dela urte batzuk erretaula errenazentista zaharberritu zutenek, ez lehen ilaran egoten diren eliztarrek… Ala ikusi eta ez diete tripako minik egin? Ala ikusi, lotsatu eta isilik egotea erabaki dute? Ez naiz Eliza Katolikoko kide, eta ez naiz nor zer egin behar duen esateko. Baina atrilak normaltasun osoz bertan uztea gordin samarra iruditzen zait, adieraziko bailuke mezua oraindik indarrean dagoela, nostalgikoen pozgarri. San Migel goiaingeruak –herriko zaindariak– Satan bezala suntsitzea ere ez da burutazio ona, nazional katolizismoaren aztarna baliotsuak eta iraganaren lekuko esanguratsuak baitira pieza horiek, ongi gorde beharrekoak. Itzultzailea naiz, baina euskaraturik edo EN ESPAÑA ordez EUSKADIN ipinita ere berdin uxatzen nau mezuak. Museoren batean pedagogiarako ikusgai jartzea litzateke onena. Dena den, hau pasadizo umoretsu bat besterik ez ala zerbait larriagoaren metafora da? Denborak aurrera egin ahala, kristau-elizen (paraje hauetan Erromako Eliza Katolikoaren) eta gizarte gehienaren arteko leizea gero eta kilometrikoagoa da. Eta ez bakarrik jendarte sekularra erreferentetzat harturik. Urruntasuna gero eta ozenagoa da eliza nagusien mezu, hizkera, erritu, liturgia, moral… ofizialen eta bestelako kristautasun bat bizi nahi dutenen artean. Eliza gehienak abaila bizian doaz museo(ago) bihurtzeko bidean.
news
argia-6a13921b106a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/euskal-afrobeat-festa.html
Euskal afrobeat festa
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-01-29 00:00:00
Euskal afrobeat festa Afrobeat erritmoak eta doinuak jotzen ditu Makulu Ken taldeak, grina, gogo eta bizitasun handiarekin. Kantu alaiak dira, dantzagarriak, gorputza mugitzeko aproposak; melodiak politak eta erritmoak beroak. Kantuak ondo jantziak daude, eta horretarako musika tresna ugari erabili dituzte: perkusioak, haize musika tresnak, ahotsak, teklatuak, gitarrak... Jende ugarik parte hartu baitu grabazio saioetan, eta baita diskoa osatzeko gainerako zereginetan ere. Aurkezpena eta diseinua ere ederki landuak daude, eta emaitza dotorea da, koloretsua, kantuak bezala. Kantuen bidez mezu gordinak transmititzen dituzte: "Hilotzez gainezka dago Mare Nostrum-a (edo), horratx pribilegio segun eta non jaio" ( Ihesi kantua); "Planetak lerro batean ta ni pantailari begira, azken trena gure zai ta gu pantailari begira" ( So! ); "Bihotzgabeen esku psikopaten erresuman, dena ero batzun kontrolpean" ( 1. Atala, Bilatzen Papur Eroriak ); "Goxo-goxo bizi gera, txepelak, epel-epel koldarrak" ( 2. Atala, Babesturik Paltsukeri Epelean ). Dena den, alaitasuna eta bizipoza transmititzen ahalegintzen dira, azken batean, bizitzako une bakoitzaz gozatzea osasungarria baita: "Mamia ateraiozu bizitzari, geratzen zaizun segundo bakoitzari atera zuku" ( Itxaron gabe ). Horretarako, Makulu Ken taldearen izenak berak adierazten duen filosofia aldarrikatzen dute: makulurik gabe hitz egitea, komunikatzea, maitatzea, bizitzea: "Behar ditugu maitatzeko makuluk, makuluak mintzatzeko, makuluk, norbera izateko ere, kotxe-makulu, telefono-makulu, diru-makulu, moda-makulu" ( Makuluk ). Aurreko diskoa 2012an kaleratu zuten. Disko hori aurkezteko dozenaka emanaldi egin ondoren atseden hartu zuten, abesti berriak sortzeko eta atontzeko, eta berriz ere jendaurreko emanaldiak egiteko prest daude, Kalè kalè diskoarekin: "Eta kalez kale goaz gure musiken erritmoak astintzen, kontzientzien zalantzak mugitzen eta bazterrak nahasten!".
news
argia-681fe6cb22a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/kontuz-baginan-sartzen-dugunarekin.html
"Garbitasun ikurtzat saltzen digute barrutik zikina dena"
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
2017-01-29 00:00:00
"Garbitasun ikurtzat saltzen digute barrutik zikina dena" Errutinak betiko moduan jokatzera garamatza, zergatik eta nola bizi garen zalantzan jarri gabe. Hilekoa jaisten zaigunean jarraitu behar ditugun pausoak modu batean ematera ere ohitu gara. Zer da, ordea, baginan sartzen duguna? Zer ezkutatzen da? Tanpoiak eta konpresak erabili ohi ditugu hilekoa dugun emakumeok. Jendarteak, erlijioak, enpresek zein komunikabideek zuri eta garden –edo urdin– irudikatzen dute finean odola dena, emakume orok bizitzen duen prozesua desnaturalizatuz, isilean eraman beharreko lotsatzeko moduko zerbait  delakoan. Are gehiago, naturarentzako zein osasunerako kaltegarriak diren osagaiak dituzte produktuok. Tanpoiak eta konpresak zuriztatzeko produktu kimikoak erabiltzen dira, dioxina tartean, kloroa duen osagaia. Tanpoien zeregina baginan dagoen guztia xurgatzea da, ez odola bakarrik. Hala nola, infekzioetatik (emakumeetan hain zabaldua dagoen kandidiasi infekziotik, esaterako) babesten gaituzten PHa eta fluxu baginala ere xurgatzen dituzte. Behin erabiltzekoak dira eta ezin dira birziklatu. Datu bat ematearren: urtean batez beste 3.000 milioi tanpoi eta konpresa erabili eta botatzen dira Espainiako Estatuan. Badira, ordea, bestelako hautu bat egin nahi duenarentzako alternatibak: Hilekoaren kopa (Mooncup izenekoa da ezagunena) eta konpresa berrerabilgarriak, esaterako. Garbiñe Tolosa donostiar artisaua gaiarekin eta bere gorputzarekin kezkatuta hasi zen konpresa berrerabilgarriak egiten: "Ama izan nintzenean hasi nintzen pardelak ekoizten. Ez genuen zaborra sortu nahi, haurraren osasunak kezkatzen gintuen, bere azala ukituko zuten produktuak organiko eta naturalak izatea nahi genuen. Berriz ere hilekoa izaten hasi nintzenean urrats bera eman nuen, inguruan ez zegoelako horrelako eskaintzarik". Horrela, bere marka sortu zuen Tolosak duela sei urte: Maripuri Tijeritas. Inguruan inork ez zuen horrelako produkturik eskaintzen eta behar horri erantzuteko hasi zen lanean. "Behin hasita, beste mota bateko kontsumoa planteatzen duzu: lokala, ekologikoa, kalitatezkoa, iraunkorra, osasuntsua, biodegradagarria...", dio. Konpresa hauek barnealdean kotoi organikoa dute eta kanpoaldean ehun transpiratzaile eta iragazgaitzak. Ekonomikoki garestiak dirudite hasieran. Konpresa batek 13 euro inguru balio du eta egunero sei bat beharko lirateke. Hilekoaren koparekin uztartuz erabili daitezkeela dio Tolosak. 85-100 euro inguruko kostua ekarriko luke, baina lau bat urtetarako baliogarriak dira. Tanpoi eta konpresekin 75 euro inguru xahutzen dira urtean, Tolosak egindako kalkuluen arabera. Higienea eta garbitasunaren inguruko aurreiritziak hautsi ditu: "Konpresa berrerabilgarrien kasuan, usaina odolarena berarena da; sintetikoek dauzkaten produktuek usain txarragoa dute. Finean garbitasun ikur bezala saltzen digute barrutik zikina dena". Gainera, erosoak, iraupen handikoak eta politak direla esaten digute. "Prozesuaren jabe bihurtzen gaituzte". Horren guztiaren aurrean "kontzientziaz eta koherentziaz" jokatzea aholkatzen du artisauak: "Erabili eta zaborretara botatzea oso erraza da, baina gure ekintzen jabe ere bagara; janzkera, elikadura, zaborra, errespetua, osasuna, baloreak. Gure jarrera da, finean, planeta hau ez suntzitzeko dugun bide bakarra, gure bidearen erantzule izatekoa". Horretarako aurreiritziak suntsitu eta kontsumo propioen jabe izateko beharra azpimarratu du. "Behin hasita bizitzako esparru guztietara hedatuko duzu".
news
argia-cd51b3dcb871
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/hire-indarra-behar-dinagu.html
Hire indarra behar dinagu
Oihana Etxebarrieta
2017-01-29 00:00:00
Hire indarra behar dinagu Kalera kalera! ekimenaren karietara hamarnaka ekitaldi, hitzaldi eta bilera egin dira abendu eta urtarrilean. Emakume preso politiko ohiek antolatutako mahai-inguruan, dispertsioaren ondorioz bakartzea bizi behar izan zuen Mertxe Galdosi entzutea hunkigarria izan zen. Eta batez ere, isolamendu egoeran dagoen Arantza Zulueta horrela irudikatzea. Zirraragarria izan zen hainbeste emakume elkarrekin ikustea, lanerako gogoz, emakume preso politikoek bizi duten egoera ikustarazteko beharrizana azaleratuz. Kartzelak, patriarkatuak antolatutako espazioak direla azpimarratu zen, emakume otzan eta esanekoak sortzeko. Dispertsioaren ondorioak ere ageriko geratu ziren, espetxea barrutik zein kanpotik bizi behar duenarentzat zigor erantsia direla argi utziz. Bihotzak bero atera ginen urtarrilaren 14an kalera. Gogotsu, gurera ekartzeko, salbuespen legediekin amaitzeko. Hurrengo astelehenean ordea bihotza uzkurtu zitzaigun, preso politiko baten alabak pairatutako indarkeria matxista kasuaren aurrean. Artean, buelta eman ezinda ginenean, Nafarroan emakume baten erailketaren berri izan dugu. Argi utzi digu horrek, kartzelak bakarrik ez, sistema bera, patriarkala eta toxikoa dela. Horrek ere premiazko erantzunak behar ditu.
news
argia-54cffc482a0b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/durangaldeko-bederatzi-eskola-kalitatezko-jantokien-alde.html
Durangaldeko bederatzi eskola kalitatezko jantokien alde
Garazi Zabaleta
2017-01-29 00:00:00
Durangaldeko bederatzi eskola kalitatezko jantokien alde 2015eko irailean, Durangaldeko hainbat eskoletako gurasoek Berton Bertokoa ekimena sortu zuten. "Gure Platera Gure Aukera kanpainatik abiatuta, elikadurarekin kezkatuta geunden gurasoek elkartzea erabaki genuen", azaldu digu Alex Azpirik. Berton Bertokoaren bultzatzaile bakarrak ez dira guraso elkarteak, ordea. Eskola kontseiluetako hainbat partaide ere elkartu dira mugimenduan. Eskoletako jantokien gaineko eztabaidan iritzi anitzak daudela jakitun, ekimenaren bultzatzaileek hasieratik adostasun minimoak bilatzearen aldeko apustua egin dute, ahalik eta indar gehien biltzeko asmoarekin. "Zerbaiten kontra egin beharrean, umeen garapenerako egokiena denaren alde egitea da gure ideia", dio Azpirik.    Asmo hori erdigunean jarrita, lau puntuko manifestua osatu dute:     1. Umeek elikadura osasuntsurako eskubidea dute.     2. Elikadurak kantitatean ez ezik, kalitatean ere egokia behar du izan.     3. Hurbileko eta sasoiko produktuak dira umearen garapenerako egokienak.     4. Produktuek beren propietateak mantentzeko, momentuan bertan prestatu behar dira. Manifestu hori hartu eta guraso elkarteetara joan ziren atxikimendu bila. Eskualdeko bederatziren babesa lortu zuten. Gizarteko esparru anitzetatik babesa "Jantokietan bertako eta sasoiko elikagaiak erabiltzeak ekarriko lituzkeen onurak ez dira haurren garapenera mugatzen: inguruko lehen sektoreko ekoizleak bultzatuko lituzke, bertako ekonomia indartu, gure kultura mantendu, kutsadura murriztu…". Onurak agerikoak lirateke, Azpirik azaldu bezala. Guraso elkarteen babesa jaso ondoren, ekoizleengana jo zuten ekimeneko kideek. EHNE sindikatuaren, ENEEK nekazaritza ekologikoko elkartearen eta Durangoko merkatu plazako baserritarren babesa jaso zuten lehenik. Hezkuntza eragileen atxikimendua lortu zuten gero: BIGE, EHIGE, Sortzen eta Ikasle Abertzaleak; eta sindikatuena azkenik: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta UGT. Gizarteko alor anitzetatik babes zabala jasota, lanean jarraitzeko indar nahikoa badute Berton Bertokoa ekimeneko kideek. "Berton bertoko produktuak gure jangeletan prestatuak izan arte, lanean jarraituko dugu".
news
argia-c6f5ed96deb9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2539/jone-goirigolzarri.html
"Euskara erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan, diskurtso hutsak ez du ezertarako balio"
Amaia Ugalde
2017-01-29 00:00:00
"Euskara erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan, diskurtso hutsak ez du ezertarako balio" Euskaldun zaharra eta euskaldun berria etiketak gainditzeari buruz hasi dugu solasaldia Jone Goirigolzarri soziologoarekin (Getxo, Bizkaia, 1984). Deustuko Unibertsitateko irakaslea da Goirigolzarri, eta Ane Ortega, Estibaliz Amorrortu eta Jacqueline Urlarekin batera, Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak ikerketa egin du. Orain arte azterketa sakonik egin ez dela eta, hiztun berrien errealitatera urreratu gura izan dute. Ikerketan "hiztun berria" terminoa darabilzue, eta "euskaldun berri"ren karga negatiboa plazaratu duzue. Bai, hiztun berrien artean aniztasun handia dago, eta denentzat ez du balio "euskaldun berri" berbak. Horrez gain, etiketen atzean legitimazio kontu bat dagoela konturatu gara. Esaterako, Lekeition bizi eta nahiz eta familia erdalduna izan egunero euskara erabiltzen duena, bere buruari euskaldun etiketa jartzeko legitimatua sentituko da. Bestalde, euskaldun berritzat daukate euren burua gaitasun maila txikia dutenek, erdaraz pentsatzen dutenek, euskara gutxi erabiltzen dutenek... zer edo zer falta dutenaren diskurtsoa dutenek. Euskaltegiko irakasle batek esan zigun euskaltegian aspaldi utzi ziotela termino hori erabiltzeari, euskaldunak dira denak. Zentzua dauka; bakoitza bere gaitasunekin, bere erara, euskalduna da, euskaraz berba egiteko gai delako. Batzuentzat frustrazio handiko prozesua izan ohi da, ezta? Hiztun berri batzuek euren burua asko zigortzen dute. Egunerokoan euskaraz egiten duten askok esaten dute, "nik oraindik asko daukat ikasteko" . Euskaldun zaharra ez zarenez, beti ikasi behar duzu gehiago. Desberdina izango da testuinguru oso euskaldunean edo erdaldunean bizitzea. Helduaroko ikasketa prozesua laburragoa izaten da herri euskaldunetan, inguruak lagundu egiten duelako. Herri erdaldunetan kontrakoa gertatzen da. Ikasketa prozesu guztia euskaltegian egin baduzu, amaitzen duzunean akabo. Ez daukazu euskara erabiltzeko esparrurik, eta atzerapauso eta aurrerapausoen ziklo etengabea izan dezakezu; euskaltegian izena eman, eta aurrera; utzi, eta atzera; gero berriro izena eman…  Egoera horrek frustrazio handia eragiten du. Azterketek ere eragina dute ezinegon horretan? Euskaltegietako jarduna azterketara begira badago, euskararen erabilerari behar besteko garrantzia ez emateko arriskua dago. Orain mahai gainean dago azterketa eredua aldatzearen eztabaida; buelta bat eman behar zaio, argi eta garbi. Gurean zuzentasunari garrantzi handia eman zaio, eta bide horretan hiztun pilo bat galdu dugula uste dut, pentsatzen dutelako ez direla gai hain ondo egiteko. Gizartean behar beste aitortu da hiztun berrien ahalegina? Kanpainak egiten dira, baina uste dut diskurtso indartsua sortu behar dugula hiztun horiei balioa emateko, eta diskurtso horrekin gizartea bonbardatu. Horrekin batera, erabiltzeko aukerak sortu behar dira modu masiboan; ez baduzu euskara erabiltzeko espaziorik, diskurtsoek ez dute ezertarako balio. Ideologian eragin eta espazioak sortu… Nire ustez, normalizaziorako bigarren fase indartsu bat behar dugu, modu masiboan egitekoa. Hezkuntza arloan, adibidez, apustu oso handia egin zen D ereduaren alde, baina hor geratu da. Umeentzako aisialdi jarduera piloa oraindino gaztelaniaz egitea drama bat da. Uste dut apustua egin behar dela benetan umeek eduki dezaten aukera eskolaz kanpo euskaraz bizitzeko. Lanbide Heziketan ere garrantzitsua litzateke praktiken tutoreak praktikak euskaraz egitera konprometitzea; euskara lantegian barneratzen hasteko modua izan daiteke. Egoera non irauli behar den ikusi, eta plangintza oso bat behar dugu; horretan inbertsio handia egin behar da. Bestalde, hizkuntza politikan garrantzitsua izango da lekuan lekuko errealitateak kontuan hartzea. Adibidez, orain ardura berezia sortu du arnasguneetako euskararen atzerakadak. Ardura logikoa da, baina beste inguruneetako joerei ezin diegu atea itxi. Arnasgune bateko herritarrentzat euskara erabiltzen ez duen pertsona ez da euskalduna. Gu kontrakoa esaten ari gara; nahiz eta gutxi erabili, sentitu zaitez euskaldun, sentimendu horretatik hasi ahalko zara-eta gehiago erabiltzen. Garrantzitsua da, euskara ondo egiten ez badute ere, hiztunak legitimatzea. Batzuentzat galera dena, besteentzat irabazia da. Hizkuntza politika herri eta eskualde desberdinetako errealitateetara egokitu behar da. "Ezin duzu esan 'euskara erakargarria izan behar da' eta hori lortzeko jarduerarik ez sustatu" Gazteei dagokienez, ikerketan hiztun mota berriak sortu direla diozue: murgiltze ereduan euskaldundu direnak edo ama hizkuntza euskara batua dutenak. Gure imajinarioa aldatu beharko dugu; Barakaldon ere badaude euskaldun zaharrak. Gazte horientzat agian euskalkia ez da inportantea, euren herrian ez dagoelako aldaera berezirik, baina bai kaleko hizkera. Oso garrantzitsua da hizkuntza informala lantzea, eta horretarako eskolaz kanpoko jardueretan egin beharko da lana. Gazteek ikusten badute euskarak balio diela Frantziako Iraultza kontatzeko, baina lagun artean mugatuta sentitzen badira, hor galduko dute euskara. Ondorioztatu dugu, baita ere, euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia ohitura falta dela. Bada, ohiturak aldatzeko jarrera proaktiboa behar da, eta jarrera hori ez da behar beste sustatzen. Are gehiago, inposizioaren diskurtsoa agertu dute gazteek ikerketan; euskara murgiltze ereduan ikasi duten gazte batzuek sentitu dute, eurek familia erdaldunetakoak izanik, inposatu egin zaiela euskara. Oso kontu handiarekin ibili behar gara. Motibaziorako zer tresna izan daitezke eraginkorrak? Euskal kultura kontsumitzea, adibidez; irratia euskaraz entzutea, telebista euskaraz ikustea, antzezlan bat euskaraz ikustea… Horrela, astiro-astiro komunitatearekin lotura sortzen da. Horretarako ere barietatea egon behar da. Gorka Salcesek euskarazko komunikabideen inguruko bere tesian, besteak beste, esaten du Gaztea irratia oso garrantzitsua dela, haren bidez euskararekin loturarik ez duten gazte askok euskara entzuten dutelako. Batzuetan badugu joera pentsatzeko euskal kultura izan behar dela garbia, kultua, maila batekoa… hori ere egon behar da, baina normalizazioaren erakusgarri izango da horrekin batera kultura erraza eta telezaborra ere egotea. Gazteek dibertigarriak eta esanguratsuak diren gauzak euskaraz egiteko aukerak eduki behar dituzte, baina horretarako sortu egin behar dira aukera horiek. Ezin duzu esan "euskara erakargarria izan behar da" eta hori lortzeko jarduerarik ez sustatu. Gai honi buruz behar adina berba egiten dugu? Orain soziolinguistikan eta soziologia arloan emozioen gaia lantzen hasi gara. Zelan sentitzen garen jakiteak klabe asko emango dizkigu. Ikerketan ere igarri dugu jendeak eskertzen duela espazio bat edukitzea gai horiez berba egiteko; deskubritu zenezake beste batzuk zure moduan sentitzen direla, edo beste modu batzuk daudela sentitzeko. Enpatia lantzeko beharrezkoa da gaiaz berba egitea.
news
argia-9597b36013fa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/euskara-sustatzeko-hitzarmena-sinatu-dute-nafarroa-eae-eta-ipar-euskal-herriko-erakundeek.html
Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko erakundeek
ARGIA
2017-07-03 00:00:00
Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko erakundeek Ana Ollok eta Bingen Zupiriak, hurrenez hurren Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak, eta Mathieu Bierge Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoko presidenteak hiru lurraldeetarako lankidetza-hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Iruñean. Nafarroa iragan martxotik aurrera ari da Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean eta itun honek bide horretan sakontzen du. Ana Olloren esanetan, "elkarrekiko lankidetzari jarraituko dio, bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko". Bingen Zubiriak lankidetza oso era naturalean ikusten du eta "gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko" balioko duela uste du. Mathieu Bergék azpimarratu du "euskararen transmisioa eta erabileraren sustapenerako ezinbestekoa" dela eta, europar finantzabideak eta EBtik egiten ari diren hizkuntza politikak elkar lana sustatzeko baliatu beharra aipatu du. Hezkuntza, ikerketa eta sustapena ardatz Dokumentuak ez du ekarriko inolako betebehar ekonomikorik, eta lankidetza teknikoko bost esparru ezartzen ditu. Helduendako euskararen hezkuntza eta irakaskuntzari dagokionez, irakasleen eta ikasleen mugikortasuna sustatutuko ditu. Ipar Euskal Herrian batzuetan izan daitezkeen  euskal irakasle gabeziak Hegoaldeko irakasleak joanda bideratu ahal izango dira, eta Ipar Euskal Herriko 20 irakasle ere Hegoaldera etorriko dira.  Hiru lurraldeek hizkuntza-gaitasun mailak ebaluatzeko probak eta sistemak ere prestatuko dituzte. Hirurek emandako tituluak ere baliagarriak izango dira hiru lurraldeetan. Eskola-esparrutik kanpo, neska-mutilendako aisialdi-jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskararen erabilera bultzatzeko. Hitzarmenak euskararen sustapena eta hizkuntzari buruzko hausnerketa eremuak ere biltzen ditu, eta egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako datuak ere bateratuko dituzte. Ekimen hauek finantzatze aldera, Europar Batasuna eta POCTEFA hizkuntza politikarako programen inguruan egin beharreko lana aipatu da.
news
argia-7f9af2e4fb6a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/harrisburg-eta-detroit-bi-udalerri-erraustegiak-kiebrara-eramanak.html
Harrisburg eta Detroit, bi udalerri erraustegiak kiebrara eramanak
Pello Zubiria Kamino
2017-07-16 00:00:00
Harrisburg eta Detroit, bi udalerri erraustegiak kiebrara eramanak AEBetako hiri handietako alkateek erabaki dute zaborrak erraustetik lortutako energia ez dela berriztagarria. Erraustegiak aspalditik ezagutzen baitituzte AEBetan, udal agintariak ohartuak dira labe erraldoiok zaborrekin batera herritarren zergak ere kiskaltzen dituztela urte luzeetarako, ondorengoei utziz kutsadura eta eskoriekin batera diru zor itzelak, Harrisburg eta Detroiteko jendeek ondo dakiten moduan. Ekainean burututako 85. Biltzarrean AEBetako auzapezen elkarteak, 30.000 biztanle baino gehiagoko udaletako alkateak biltzen dituenak, energia berriztagarrien zerrendatik kanpo utzi du hondakinen errausketa. Donald Trumpek abian jarri duenean Barack Obamaren garaian energia berriztagarrien alde ezarritako neurriak mozteko bidea, AEBetako alkateen elkartea atera zaio erdira, berresteko 2035erako lortu nahi dutela energia kontsumoaren %100 berriztagarri izatea. Errauste planten lobbya izan da alkateen arteko adostasuna lehertzen saiatu den erakundeetako bat, haserre udalek ez dutelako zaborren errausketa berriztagarritzat jotzen, Huffington Post -ek kontatu duenez. Ekologistak pozarren daude eta erraustegiaren kontrako taldeak ere bai. PFPI Politikaren Gardentasunaren aldeko Elkartasunako Mary Boothek esan du: "Erraustegiek energia ekoizteko plastikoak eta beste material kutsagarriak erre beharra dauzkate eta orduko-megawat bakoitzeko gehiago kutsatzen dute ikatzezko zentralek baino. Errausketa teknologia zikina da eta ez du merezi energia berriztagarritzat har dezaten". Baina horregatik bakarrik egin diote aurre lobbyari hiri handietako alkateek? Ziurrenik erraustegien diru kontuekin eduki duten esperientzia gaiztoak ere izan du zerikusirik. Bat baino gehiago baitira azken hamarkadotan zaborren errausketak hondamendira eraman dituen udalerriak. Harrisburg eta Detroit aipatzen dira, nagusiki. Pennsylvaniako hiriburu Harrisburg (50.000 biztanle) munduan ezaguna da Three Mile Islandeko zentral nuklearrak 1979an izandako istripu larriagatik. Energia atomikoaren segurtasuna zalantzan jarri zuen istripu hark, Jack Lemon eta Jane Fondaren Txinako sindromea filmari ateak ireki zionak, lurrikara eragin zuen munduan. Askoz oharkabeagoan pasatu zen 2011ko lurrikara, hiria hankaz gora jarri zuena: urrian kiebra deklaratu zuen alkateak udalaren zorrei eta hartzekodunen presioari eusteko epaileen laguntza eskatzeko. 1972an abian jarria , AEBetako lehenengotako erraustegiak hasieran 15 milioi dolar kostatu behar bazuen laster joan zen garestitzen ia 100 milioitako gastuak eragin arte. 2000 urterako zaharberritu baten beharrean zegoen, Washingtoneko agintariek kutsaduragatik ixterik nahi ez bazuten. Udalak arazo larria zeukan, erraustegiak urtetan pilatutako 100 milioitako zorrei aurre egin eta aldi berean planta zaharberritzeko sosak bildu behar. Stephen Reed alkatearen zorionerako –hala uste zuen– errausketan negozioa egin nahi zuen Barlow Projects konpainia txikiarekin egin zuen topo. Honen proiektua arazo guztien soluzioa izango zelakoan, 2003an lotu zuten 125 milioiko kreditu berria. Baina kontratistak ez zuen lortzen lana osatzerik eta 2007an erraustegiaren ustiatzea Covanta konpainia erraldoiari eman zion udalak, mundu osoan erraustegiak dauzkanari. 2007an 60 milioi dolar gehiagoko mailegua. Badoaz…   2009an galdu zuen alkatetza Stephen Reedek 30 urtez Harrisburgeko jabe izan ostean. 2012an auzitegiaren aginduz udalaren auditoria eginda, perituek ebatzi zuten legeak baimentzen duena baino askoz gehiago zorpetu zuela Reedek udalerria. 2013an udal berriak onartu behar izan zuen kiebra kudeatzeko Washingtoneko agintariek ezarritako neurri paketea, tartean erraustegia saltzea, herritarrei zergak igotzea eta udalaren ondasun haboro saltzea. Diru errausketa itzela Alkatetzatik epaitegietara, 2015ean fiskalak erabaki zuen Harrisburgeko eskandaluan erraustegia zela arazo nagusia eta alkate ohia auziperatzea eskatu zuen lapurreta, ustelkeria eta frogen desagerraraztea egotziz. Epaileak delituetako batzuk iraungitzat jo zituen, ez ordea diru publikoen lapurretarena eta 2017ean Stephen Reed bi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen. Detroit da erraustegiak hondamendira eramandako hirietako beste bat. ARGIAk kontatu izan ditu Detroiten malurrak, autogintzak oparotasunaren zeruetara jasotako Detroit nola erori den langabezia, txirotasun eta miseriaren amildegiraino. Ez da hain ezaguna kiebrara eraman zuten arazoetako bat bere erraustegia izan zela. 1986an eraiki zutenean labe handiak izan behar zuen Detroit biziberritzeko gakoetako bat, orduan puntako teknologiatzat zeukatenak enpresa berri ugari erakarri behar omen zituelako errestan. Evergreen elkarte ekologistako ekintzaileek ez zuten lortu beren protestekin geldiarazterik munduko erraustegirik handienetakoa. Laster ikusi zen energia garbiarena gezurra zela. Hasteko, kiratsa, hasieran bezala oraindik gaur ere kexu askoren iturri dena, The Guardian bezalako egunkariek ere kontatua dutena. Baina herritarrak haserrarazten dituen usain txarraz gain, kutsadura larri baten iturri ere da: nitrogeno oxidoa, dioxido sulfurikoa, karbono monoxidoa, beruna... Michigan estatuko kutsatzaile nagusietakoa bilakatu zen erraustegia. Herritarren eta batez ere haurren artean ugaritzen ari ziren gaixotasunen albisteak zabaldu ziren. Michiganeko Ingurumen Babeserako Agentziak espedienteak ireki dizkio Detroit Renewable Energy konpainiari. Eufemismoak erruz baitarabiltza industriarik kutsatzaileenak, konpainiaren filialak deitzen dira Detroit Thermal, Detroit Renewale Power, Detroit Renewable Cooling... Denak dira mundu osoan zabaldutako Atlas Holdings konpainiaren adar. Konplexurik gabe aldarrikatzen du kiebra jotako enpresetan inbertitzea dela bere negozioa. Baina kutsaduraz gain, erraustegia bihurtu zen Detroiteko udalaren finantzen zulo estali ezina. Sekula ez du sortu agindutako etekinik, ez hasieran eta ez gero ere.  Ireki eta berehala, 1991n, inbertsore pribatuei saldu behar izan zien udalak, baina dagoenekoz munizipala ez izan arren herritarrek jarraitu behar izan zuten haren zorraren bonoak ordaintzen. Denetara, Detroit Zero Waste elkartearen kalkuluetan, detroitarrek 1.200 milioi dolar pagatu dituzte. Detroiteko erraustegiaren arazoetako bat da handiegia dela. Horregatik Detroitek erre beharra dauka beste hirietatik ekarritako zaborra martxan jarraitu ahal izateko. Zorrak iraun zuen azken urteetan –ordainketak 2009an amaitu ziren– kanpotik hondakinak zekartzatenek tonako 13 dolar pagatzen zuten, baina Detroiteko herritarrena tonako 150 dolarretan ateratzen zen. Ez da harritzekoa AEBetako alkateen elkarteak ez onartzea errausketa energia berriztagarrien artean. Bizkaiak dauzkan zorrak eta Gipuzkoak oraintxe bereganatu dituenak zein amildegitara eramaten duten ondo ikasia dute.
news
argia-c3ac209e2892
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/monarkia-errepublikanoa.html
Monarkia errepublikanoa
Jakes Bortairu
2017-07-16 00:00:00
Monarkia errepublikanoa Sorpresaz beteriko frantses ziklo elektoralak aspaldiko panorama instituzionala hankaz gora utzi du. Hauteskunde presidentzialen ondoren, Macron-zaletasun uhin azkarra altxatu da. Komunikazio plangintza eraginkorra garatu du presidente berriak, Frantziaren "handitasuna" eta bere autoritatea islatzen ahal zituzten ekintzak hautatuz. Hilabete batez hedabide handiek haren deklarazio, keinu eta ekimen guztiak laudatu dituzte, Emmanuel Macronen gaztetasuna, berritasuna eta ausardia azpimarratuz. Hauteskunde kanpaina merkea bezain emankorra. Emmanuel Macron presidentearen aldeko diputatuek berarekiko leialtasun adierazpena izenpetu behar izan dute alderdiaren babesa lortzeko. Baldintza horietan Exekutiboaren aurrean kontra-botere funtzioa nekez bete lezake Asanblada Nazionalak Ondorioz, presidentearen mugimenduko hautagaien aldeko boz kopuruak biderkatu dira, nornahi aurkezturik ere. Gainerateko indar politikoenak aldiz, mugatuak egon edota azkarki tipitu dira. Aldi berean, abstentzioak, boto zuri eta baliogabekoek marka guztiak hautsi dituzte, hautesleen mesfidantza agerian utziz. Legegileen bigarren itzuliko botoen %49rekin, hautesleriaren %18 soilik, Macronen aldekoek aulkien %60 irabazi dute. Legitimitate instituzionala dute dudarik gabe, baina legitimitate sozial eskasa. Oposizioak berriz zafraldia bildu du, baina emaitzaz harago, beste ondorio arrunt berria gertatzen ari da Asanblada Nazionalean. Orain arteko eskuin eta ezker polarizazioarekin, alderdi bakoitzak arazorik gabe kokatzen zen gehiengoan ala gobernamenduarekiko oposizioan. Macronen eskaintza zentristarekin eta gobernuan parte hartzera konbentzitu dituen ezker nahiz eskuineko politikarien laguntzarekin, areagotzen dira indar politiko hurbilen barneko kontradikzioak eta zatiketak. Eskuineko diputatu blokea bi taldetan lehertu da eta sozialistek neke handiz atxikiko dute kohesio politikoa. Hots, aulkietan galtzaile izateaz gain, V. Errepublikako bizitza politikoa aspaldidanik egituratu zuten bi indarrak desagertzeko arriskuan gelditu dira. Bitartean, Macronen aldeko diputatu gehienak aurpegi berriak dira, gazteagoak eta gizonak baino emazte gehiago dira. Goi-mailako sektore sozialekoak dira eta populazioa baino, "irabazten duen Frantzia" irudikatzen dute. Bakoitzak presidentearekiko leialtasun adierazpena izenpetu behar izan du alderdiaren babesa lortzeko. Baldintza horietan Exekutiboaren aurrean kontra-botere funtzioa nekez bete lezake Asanbladak. Arriskutsua ikusten dute batzuek, karrika geldituko baita oposizioa adierazteko leku nagusia. Hain zuzen, udan bertan MEDEF Frantziako Enpresen Mugimenduaren aldarrikapena den lan kodigoaren murrizketa, 2016an kontrako mugimendu sozial azkarra piztu zuen lan legea XXL formatuan so egileek diotenez, ordenantzen bitartez, hots, Legebiltzarreko filtrorik gabe, pasarazi nahi du Gobernuak. Gazte, berri, ausart baina betiko politika zaharren zerbitzuko.
news
argia-f8cd17230532
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/ainara-legardon.html
"SGAEk bazkide ez direnen izenean kobratuz 17,5 milioi euro irabazi zituen 2015ean"
Xalba Ramirez
2017-07-16 00:00:00
"SGAEk bazkide ez direnen izenean kobratuz 17,5 milioi euro irabazi zituen 2015ean" Egile eskubideen marasma sarea modu ulerterrazean landu dute Ainara LeGardon musikariak (Bilbo, 1976) eta David García Aristegui jabetza intelektualean adituak (Madril, 1974) Consonnirekin argitaratu berri duten SGAE: el monopolio en decadencia (SGAE: monopolioaren dekadentzia) liburuan. "Gurpilaren" auziarekin lotuta SGAEko hemezortzi bazkide atxilotu berritan ekin diote aurkezpen birari. Kultur ekoizpen eta distribuzioak aldatzen ari diren garaiotan ezinbesteko ekarpena da beraien lana. SGAEri buruzko liburu bat ateratzeko bi urte baino gehiagoko ikerketa egin duzue. Hain zaila al da nola funtzionatzen duen ulertzea? Zergatik? Berez bi urte iraun duena idazketa prozesua izan da, baina ikerketa aurreko lan batzuekin batera hasi genuen, Daviden Por qué Marx no habló de copyright? (Marxek zergatik ez zuen copyright-az hitz egin?, Enclave, 2014) edo nik argitaratutako Otro modelo es posible (Beste eredu bat posible da) lan akademikoa. Liburu hau duela lau urte hasi zela esan dezakegu beraz. Jabetza intelektualaren mundu korapilatsua ulertzea zaila da, eta are zailagoa SGAEk ordezkatzen duen kudeaketa eredua ulertzea. Antón Reixak, entitatearen zuzendari ohiak, gogoeta handi bat utzi zigun libururako elkarrizketatu genuenean: "Justua dena esplikagarria izan behar dela" esaten zigun, eta azaldu zigun SGAEko teknikariek Powerpoint bera hemezortzi aldiz jarri behar izan ziotela, telebistako diru banaketa nola egiten zen ulertzeko. "Soilik oilarraren kukurrukuak ez ditu eskubideak pagatzen" dio SGAEk. Nola biltzen eta banatzen du dirua entitateak? Beste liburu baten bidez erantzun ahalko litzaioke galdera horri. Laburtzeagatik, bazkide bati entzun nion esaldia errepikatuko dizut: SGAEk Ferrari bat bezala biltzen diru dirua, baina gurdi batek bezala banatzen du. Entitateari horren irudi txarra ekarri diona haren dirua biltzeko gosea izan da, eta aipatzen duzun eslogana horren erakusle da. SGAEk ez du gehiago jaso behar, hobeto baizik. Eta, bereziki, modu eraginkor eta egokian banatu. "Tabernari batek SGAEren errepertorioan dauden kantak erabili ahal izateagatik pagatzen du, ez jartzeagatik. Ondoren identifikazioa ez da behar bezala egiten eta horregatik eskubideen jabeei ez zaie dagokiena iristen" Erabileragatik kobratu ostean identifikatzen ditu obrak. Eta edozeini etortzen zaion galdera da: orduan nola daki bilketa hori dagokiola? Hau da Davidek esan nahi duena "lehenbizi tiro egin eta ondoren galdetu" dioenean. Tarifak erabilgarritasunaren arabera aplikatzen direlako eta ez erabilera efektiboagatik daude kutxa beltzean horrenbeste identifikatu gabeko eskubide. Hau da, tabernari batek SGAEren errepertorioan dauden kantak erabili ahal izateagatik pagatzen du, ez jartzeagatik. Ondoren identifikazioa ez da behar bezala egiten eta horregatik eskubideen jabeei ez zaie dagokiena iristen. Zer gertatzen da bazkideak ez direnen izenean jasotako diruarekin? Uko egin diezaiokete diru bilketa horri? Diru bilketa egin eta bost urtera autoreek ez badute erreklamatzen, eskubide horiek preskribitu eta entitatearen aktibo izatera pasatzen dira. Autore askok, arrazoi ugarirengatik, ez dute SGAEko parte izan nahi, eta beraiei dagozkien eskubideei uko egiten diete, ezinbestean. Paradoxikoa da, legeak derrigorrezko kudeaketa kolektiboko eskubideak daudela esaten baitu –hau da, SGAE bezalako entitateen bitartez soilik egin daitekeela–, baina entitateko bazkide izatea borondatezkoa da. Beraz, bazkide ez direnen izenean kobratu egiten da, zenbakiak loditzeko gurpil zoroa eraginez. 2015ean "identifikatzeko" geratu ziren eskubideak 17,5 milioi eurokoak izan ziren. Garcia Aristeguik eta LeGardonek ikerketa sakona egin dute SGAEren inguruan liburua argitaratzeko (argazkia: Rafa Rodrigo). Ustelkeria kasuak, Kanonaren gehiegikeriak… SGAEren dekadentzia benetan gertatzen ari da ala iritzi bat besterik ez da? Liburuan hitz egiten dugu bere monopolioaren dekadentziaz, eta hori objektiboa dela uste dugu. Tarifak ezartzerako orduan egin dituen gehiegikeriengatik isunak ezarri dizkio Merkatuen eta Konpetentziaren Espainiako Batzordeak; Europatik, bidea libre uzten zaie kudeaketa independenteko elkarteei, kudeaketa entitateen gaineko 2014/26/UE zuzentarauaren bidez; DAMA edo EKKI bezalako alternatibak sortu dira azken urteetan… asko dira arrazoiak. Baina orain, inoiz baino gehiago, SGAEk duen monopolioaz aparte, bere egituran eta kudeaketa ereduan ere sumatzen ari gara dekadentzia.  Gardentasun falta eta kudeaketa eredu berrietara ez egokitzea dira zuen kritika nagusiak. Zer egin daiteke? "SGAEk duen monopolioaz aparte, bere egituran eta kudeaketa ereduan ere sumatzen ari gara dekadentzia" Liburuan proposatzen ditugun gauzen artean daude, bazkideei erabakitzeko ahalmen handiagoa ematea, erabilgarritasunari dagokion tarifa sistema albo batera utzi eta erabilera efektiboari dagozkion tarifak ezartzea –egun dagoen teknologiarekin egingarria da–, "identifikatzeko" eskubideen kutxa beltzean geratzen dena dagokion jabeari helarazteko ahalegina egitea –SGAEk nori banatu ez dakien zenbatekoak, autoreak ez daudelako identifikatuak edo ez direlako entitateko bazkide–… Zerbait ona izango du hala ere… Noski baietz. Autoreen eskubideak kudeatu eta hauengatik kobratu ahal izateko sortu ziren kudeaketa kolektiboko entitateak. Obra musikalen kasuan, zabaltzeko daukaten gaitasunagatik, autorearentzat oso zaila da berak bakarrik egitea bere obraren jarraipena. Pentsa zer litzatekeen galdezka aritzea irratiz irrati, tabernaz taberna, salaz sala, gure eskubideengatik. Lan hori errazteko dira beharrezkoak kudeaketa kolektiboko entitateak. Arazoa gertatzen da autoreak eta editoreak entitate berean sartzean, interes kontrajarriak baitituzte. Orain gutxi ikusi dugu "telebistetako gurpilen auzian" hutsune legalak daudela, desoreka handiak baimentzen dituztenak; autore eta editore gutxi batzuen aberastasuna bilatzen da, eta horrek botere politikoa dakar –SGAEn zenbat eta gehiago sorrarazi, orduan eta bozka gehiago dituzu–. Gauza onetara itzuliz, irabazien zati bat laguntza asistentzialetara bideratua da, difusio eta promoziorako, birak antolatzeko edo ekoizpen diskografikorako adibidez. Gainera, laguntzak eskaintzen ditu betaurreko graduatuak edo audiofonoak ordaintzeko, edo bazkideren baten etxe-kaleratzea gelditzeko. SGAEk errepertorio guztiengatik biltzen du, baita Creative Commons lizentziapean daudenengatik ere. Baina lizentzia horiekin autoreak dagozkion eskubideak jaso ditzake? "SGAEren eta YouTube-ren arteko akordio konfidentzial bat dago, autoreek ezagutu ezin dezaketena" Gatazka argia da: SGAEk ez ditu lizentzia askeak onartzen, ezta ez-komertzialaren klausula barruan ere. Baina arazoa hori da, erabilgarritasunagatik kobratzen duenez, berak kudeatzen ez duen errepertorioagatik kobratzen du, Creative Commons-ak erabiltzen dituzten autoreenak barne. Beraz, autoreak berari dagokion dirua jaso nahiko balu, SGAEko bazkide izan beharko luke derrigorrez, eta bistan da biak batera ezin direla egin.   Bazkideak bere errepertorio osoa SGAEn deklaratzeko derrigortasunak eta lizentzia askeak ez onartzeko jarrerak, oztopatu baino ez du egiten sortzaileek erabakiak modu askean hartu ahal izatea. Azken urteetan asko aldatu da musika kontsumitzeko kultura, eta gehiengoak internet bidez eta streaming plataformen bidez egiten du. Nola egiten da hemen diru bilketa? On-line den musika industriaren ordainketa fluxuak bereziki konplexuak dira. Plataformek ez dituzte eskubideen eta royaltien banaketak modu argian finkatuta. Hori bai, ekoizleei beti iristen zaie autoreei baino gehiago. Kulturaren Liburu Zuria k datu esanguratsuak eskaintzen ditu: plataforma bateko harpidetzaren 9,99 euroetatik soilik 0,46 bideratzen dira artistentzat. Diskoetxeek 4,58 euro jasotzen dituzte eta euro bakarra bideratzen da autoreen zatira –editore eta autoreen artean banatzeko–. Hori Spotify gisako plataformekin. Datu esanguratsuena, nolanahi, YouTube-ren funtzionamendua ikertzen ari ginenean jaso genuen. SGAEren eta YouTube-ren arteko akordio konfidentzial bat dago, autoreek ezagutu ezin dezaketena. Beraz autoreok ezin dugu jakin zenbat jasotzen duten gure lanaren kontura. Gure iturrien arabera, SGAEren Zuzendaritza Batzarrak ere ez ditu ezagutzen dokumentuaren edukiak, soilik Zuzendaritza Kontseiluak. EKKIren gisako alternatibez hitz egiten duzue liburuan. Zer garapen izan dezakete? Daukan monopolioaren kontrako borrokan beti atera da irabazle SGAE. XXI. mendeko lehen hamarkadaren hasieran eta erdialdean bi saiakera jarri ziren abian, baina ez zuten arrakastarik izan. DAMA izan zen lehena (Derechos de Autor de Medios Audiovisuales), ALMA gidoilarien sindikatuek bultzatuta. Orain berriro gertatu da EKKIren sorrerarekin Euskal Herrian. EKKIk zein DAMAk proposatzen duten eredua SGAEren oso bestelakoa da: hasteko, "bazkide bat bozka bat" printzipioa dute –diru-bilketaren zenbatekoa alde batera utziz– eta tarifak erabilera efektiboagatik kobratzen dituzte eta ez erabilgarritasunagatik. EKKI oso hasierako momentuan dago, mintegi informatiboak antolatzen, bazkide berriak formatzen eta erakartzen. DAMAkoak bost urte egon ziren dirua biltzen hasi aurretik, SGAEren aldetik izandako epaiketa eta presioak gaindituz. Espero dugu EKKI lehenago jarri ahal izatea funtzionatzen. Anarik esan zigun bezala "bere abantaila da hobetzeko margen handia duela. […] Arrakala txiki batek haitz oso ireki dezake".
news
argia-69df32e7a67f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/unai-aranguren-ehne-bizkaiako-kidea.html
"Multinazional handiek merkantzia bihurtu dute gure ustez eskubidea dena"
Unai Brea
2017-07-16 00:00:00
"Multinazional handiek merkantzia bihurtu dute gure ustez eskubidea dena" La Via Campesina bederatzi eskualde handitan banatuta dago, eta horietako bakoitzak bi ordezkari ditu antolakundearen Nazioarteko Koordinazio Batzordean. Lau urteko honetan Unai Aranguren (Galdakao, 1971) EHNE Bizkaiako kidea da organo horretan Europak dituen ordezkarietako bat. Hortaz, buru-belarri jardun du Derioko biltzarrean eztabaidatuko diren gaien prestakuntzan. Konpainia handien eta laborari txikien ereduen arteko talkaz berba egin dugu harekin, besteak beste. 24 urte geroago, berriro Europan egingo da La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarra. Oso desberdinak dira laborarien arazoak Europan –edo Mendebaldean, oro har–, eta munduko gainerako eskualdeetan? Arazoak eta erronkak agian ez, baina egoerak bai. Munduko leku askotan nekazariak herritarren erdia edo gehiago dira oraindik; aldiz, Europa mendebaldean eta Amerika iparraldean %3 gara. Ondorioz, estrategiak ez dira berdinak. Hemen aliantzak egin behar ditugu beste eragile sozial batzuekin, eta han nekazari mugimenduak berez du pisu handia. Baina arazoak antzekoak dira leku guztietan. Eta zeintzuk dira? Lurren pilaketa, hazien pribatizazioa, politika publiko oso neoliberalak… Tokian tokiko elikadura-sistemak hautsi eta lauzpabost multinazional handik bereganatu dituzte,eta gure ustez eskubidea dena merkantzia bihurtu dute. Gaur egun dirua ematen duena ez da baserri autonomoa, inguruko gauza guztiak produkziorako erabiltzen dituena; gaur egun dirua lehengaiak ematen du, ez elikagaiak. Alegia, lehengai jakin batzuk merke ekoiztea hori egin daitekeen lekuetan (Afrika, Amerika…), eta mundu osoan zehar mugitzea. Hartzen dugu palma-olioa, hartzen dugu azukrea, hartzen dugu soja, eta magdalenak egiten ditugu. Hori da multinazionalek diru asko irabazteko asmatu duten sistema. Hala ere, esan behar da munduan jaten denaren %70, oraindik, baserritar txiki eta ertainek ekoizten dutela, nekazaritzara bideratutako lur sailen %30en jabe besterik ez badira ere. "Munduan jaten denaren %70, oraindik, baserritar txiki eta ertainek ekoizten dute, nekazaritzara bideratutako lur sailen %30en jabe besterik ez badira ere" Eta beste %70 zertarako erabiltzen da? Multinazional handiak, baita gobernu batzuk ere, lurra erosten ari dira espekulaziorako, batetik; agroerregaiak ekoizteko, bestetik; eta aipatu ditudan lehengai horiek ekoizteko ere bai. Haientzat lurra ondasun garrantzitsua da, eta ahalik eta gehien pilatu nahi dute. Askotan pentsatu dugu negozio hori Hegoalde globalean bakarrik egon dela, baina Europan ere ikusten ari gara gero eta espekulazio eta lur kontzentrazio handiagoa dagoela. Gainera, lur horiek izateagatik Europar Batasunak diru-laguntzak ematen ditu, eta horiek ere kontzentratu egiten dira. Lurren %70 horretan ekoizten da lehen munduko ganaduarentzako janaria ere, ezta? Bai. Europak, esaterako, Amerikan ekoizten den sojaren %100eko dependentzia du bere behiak elikatzeko. Hona argazki bat: Hegoamerikan latifundio handietako soja bidaltzen da Europara, Europak soja horrekin bere esne produkzioa loditzen du abeltzaintza intentsibo eredu baten barruan –horrek ingurumenari dakarkion kaltearekin, bide batez–, eta gero produkzio-kostuen azpitik bidaltzen du esnea beste merkatu batzuetara, EBren laguntzei esker, merkatu horiek saturatzeko. Sistema makur hori eraldatu nahi du La Via Campesinak, eta uste dut helburua lortzeko tresnak baditugula. Jaten dugunaren %70 laborari txikiek ekoizten badute oraindik, zergatik esaten da transnazionalak elikadura kontrolatzeko zorian direla? Leku batzuetan nekazari asko dago eta oraindik ere nekazarien produktuak jaten dira. Baina Euskal Herrian, adibidez, jaten dugunaren oso portzentaje txikia da berton ekoitzitakoa. Mugarik Gabeko Albaitariak GKEak egindako ikerketa baten arabera, hozkailuetan ditugun elikagaiek, batez beste, 5.000 kilometro egiten dituzte guregana iritsi aurretik. Eta hori da negozioa. Espainiako hegoaldea da Europan nekazaritza ekologikoa gehien igo den lurraldea, baina produktu ekologikoen kontsumoa ez da igo batere. Nora doa produkzioa? Europa iparraldera. Eta Espainiara doan produktua Marokotik doa, askoz merkeago. Esan gabe doa egoera ilogiko horretan izaera ekologikoa galtzen dutela produktuek; kontsumitzailearengana iristeko milaka kilometro egin dituen produktu bat ezin da ekologikotzat jo, ekoizteko modua hala izanagatik. Enpresa transnazionalek elikagaien merkatuaren kontrola hartzeko duten estrategiez ari ginen... Multinazionalek kontrolerako hainbat bide dute. Bata produkzioaren ingurukoa da: beraiek ezartzen dute zer ekoitzi behar den, eta ez bakarrik zer, baita zein aldaera ere, eta zer tratamendu eman behar zaien. Zuk ezin duzu baserrian nahi duzuna ipini, Eroskik nahi duena baizik. "Letxuga mota hau nahi dut, halako tratamendu koadernoarekin hazitakoa eta halako poltsan ekarria". Eta gainera, haiek ezarriko dute prezioa. Tira, hasieran agian ez, hasieran baserritarrak eskatzen duen prezioan erosiko dute, baina hark bere lehengo merkatua (dendak, jatetxeak, kontsumo taldeak…) galdu ahala, nekazariari salmenta-gune bakarra geratzen zaionean, erosleak kontrolatuko du dena, eta prezioa jaitsi egingo da. Zergatik galtzen dira aurreko bezeroak? Erosle handiak esaten duelako: dena niri eman. Eta askotan erosoagoa da bakarrari saltzea lekuz leku ibiltzea baino. Baina ez du merezi, azkenerako erosle handiak gero eta gehiago estutuko nau eta. Eta hala ere bide hori hartzen dute askok. Nolatan? Presio handia dago sektorean. Administrazioa, nekazaritza eskolak, kooperatibek, pentsu etxeek, albaitariek… Denek irabazten dute nekazaritza eredu intentsibo batekin, baserritarrek izan ezik. Zenbat eta eredu intentsiboagoa, orduan eta diru mugimendu handiagoa sortzen da baserriaren inguruan, eta hori interesgarria izan daiteke beste sektore batzuentzat, baina ez guretzat. Guri interesatzen zaiguna elikagai on eta osasungarriak egitea da, eta hain zuzen horren kontra doa eredu hori. Ona da gure inguruan etekina sortzea, baina etekin hori soziala izan behar da, ez enpresa konkretu batzuentzakoa.  "Elikadura-sistema industrial makurra eraldatu nahi du La Via Campesinak, eta uste dut baditugula horretarako tresnak" Industriaren presiobide nagusietakoa haziak merkantzia bihurtzea dela salatu ohi duzue. Hori ere hizpide izango da Derioko biltzarrean. Zailtasunak ipintzen dizkiete baserritarrei eguneroko lanerako. Haziak nahi badituzu, hazi patentatuak izan behar dira. Eta hala izan dadin lege batzuk ezarri dituzte nazioarte mailan; betidanik etxean erabili dituzun haziak, belaunaldiz belaunaldi hobetuz joan direnak eta herriaren ondare izan direnak, orain erosi egin behar dituzu, eta gainera hazi antzuak dira, ezin dituzu berriro erabili zuk etxean eta urtero erosi behar dituzu. Eta orain beste koska bat gehitu diote sistema horri, klima aldaketarekin lotuta: nekazaritza klimatikoki inteligentea [ikus azpiko testu gehigarria]. Haiek gogoan dutena, azken batean, menpekotasuna sortzea da. Zelan? Bada, ekoizpen-menpekotasuna sortuz (haziak behar dituzu, pentsua behar duzu, intsumoak behar dituzu...). Baina beharrizan horiez gain badituzu energetikoak, finantzarioak, formakuntzazkoak... Horien guztien atzetik negozioa dago, eta denak kontrolatzen dituzte. Pack baten modukoa da, nik eskaintzen dizut hazia, hura erosteko kreditua, aholkatuko zaituen teknikaria, asegurua… Eta gainera, produktua saltzeko salmenta edo kooperatiba sistema bat. Gehi teknologia. Azkenean haien peoi huts bihurtzen zara. Eredu horren aurrean nekazari txikien laborantza eta agroekologia zabaltzea izango da VII. Nazioarteko Biltzar honetan egingo duzuen aldarri nagusia. Askok zalantzan jartzen dute eredu horrekin denok jan dezakegunik. Denok, eta are gehiagok. Lurraren %30 izanda janariaren %70 ekoizten dugu, beraz... Esaten zuten ez garela gai gizadi osoari jaten emateko, eta horregatik asmatu zituzten transgenikoak, baina datua da 1.000 milioi pertsona gosez daudela munduan, eta 1.200 milioik gainpisua dutela. Bitartean, ez dakit zenbat milioi tona elikagai botatzen dira egunero zaborretara.
news
argia-e4164d74a523
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/urretxindorra-proiektua.html
Gazteak ume migranteei bidea errazten
Estitxu Eizagirre
2017-07-16 00:00:00
Gazteak ume migranteei bidea errazten SOS Arrazakeria elkarteak 3. ikasturtez Urretxindorra proiektua eraman du aurrera: jatorri atzerritarreko 10-14 urte arteko ume banarekin astean hiru ordu eman dituzte 28 gaztek, borondatez, aisialdia partekatuz. Migrazio prozesua bizi duen umearen "motxila" arintzen laguntzen duela kontatu digu Loira Manzani SOS Arrazakeriako kideak, eta "proiektua aldebiko onuraren isla dela" azpimarratu digute tutoretza lan horretan boluntario aritu diren Aitor Martín Camerón eta Oihana Bellido Sesmak. Gure herrietako hainbat umeren bizipenak ikusarazten lagundu digute euren hitzek. Kataluniako Ruiseñor proiektua "kopiatu eta hemengo egoerara egokitu" dutela kontatu du Manzanik. Bizitzako garai batean bera baino nagusiagoa den gazte baten erreferentzia ongi etorriko zaien umeei aukera hori ematea da helburua: "Badira beren emozioak kudeatzen eta adierazten ikasi behar duten umeak, badira sozialki harremanak izateko zailtasunak dituztenak, badira iritsi berri direnak eta beraz ingurua ezagutzen ez dutenak...". Manzanik adierazi du horrelako beharrak edozein umek izan ditzakeela, baina Urretxindorra proiektuan jatorri migranteko umeetan zentratu direla, SOS Arrazakeria elkartearen egitasmoa delako, alde batetik, eta migrante egoerari lotutako motxila batzuk ere badirelako, bestetik: "Ume askoren bizipena da gurasoengandik banatu zirela jatorrizko herrian, gurasoak hona etorri zirelako lan bila. Handik urte batzuetara hemen elkartzen dira berriz, nerabezaro betean, ordura arteko bere erreferenteak diren lagun eta helduak jatorrizko herrian utzita". Migrazio doluaz mintzatu zaigu Aitor Martín Camerón, Hondurasko 14 urteko umearekin borondatezko mentoretzan aritu den Tuterako gaztea: "Etortzeko erabakia bere gurasoek hartu dute, eta urte eta erdiz egon zen ama gabe, bere ama hemen zegoelako lanean bera ekartzeko dirua irabazten. Horrek ondorioak ditu umearengan. Tutoreok ondoan gaude, bere borondatearen aurka hartutako erabakiak ekarri dion egoera aldaketara egokitzeko prozesuan". Tutorea: erreferente gaztea eta ez instituzionala Urretxindorra proiektuan lehen aldiz parte hartzen duten kide denei zail egiten omen zaie ulertzea juxtu zein den mentoreen funtzioa; bai gurasoei, umeei eta tutoreei beraiei ere. Martín Camerónek azpimarratu du tutorearen eta umearen arteko harremanaren oinarria "pertsonala dela, ez da ezer instituzionala. Lagun egin gara, eta nire haurrak behar zuen instituzioetatik kanpoko figura bat egunerokotasunean, ordura arte zituen baliabide gehienak instituzioek emandakoak baitziren". Manzanik azaldu du berariaz hautatzen dituztela tutore gazteak, "helburua baita erreferentziazko pertsona hori ez izatea umeak guraso edo irakasleekin identifikatuko duen heldua. Umeek ikus dezatela eurak urte gutxi barru izango direla egun mentorea den pertsona hori". Oihana Bellido Sesma Donostiako gazteak berretsi du laguntasunezko harreman izan duela 9 urteko boliviarrarekin: "Ni pixka bat zaharragoa izanik eta gertutasunari esker, konfiantza izan du bere arazoak kontatzeko". Manzanik azaldu du mentore izateko ez dela aparteko formaziorik behar, "eskatzen dieguna da enpatia eta motibazioa". Tutorearen funtzioa ongi mugatua baina bere horretan emankorra dela adierazi du: "Ondoan egotea astean hiru ordu horietan, saiatuz aisialdiko denbora hori hezitzailea eta eraikitzailea izan dadila. Eta konfiantza izatea elkarren artean, umea eroso sentitu dadila mentorearekin, nahi duena kontatzeko edo proposatzeko. Horraino. Arazo horiek konpontzen saiatzea ez dagokio mentoreari. Ongi pasatzea da oinarria, eta hori bera ere ez da gutxi egoera zaila bizi duten umeentzat. Gazte batek galdetzea zer den egin nahi duena eta hori bilatzea, asko da!". Hemengo ere sentitzen laguntzeko Bikote bakoitzak erabaki du hiru ordu horiek nola antolatu eta denbora horretan zer egin. SOS Arrazakeriak Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten kide guztiei zuzendutako ekintzak antolatu ditu, eta nahi izan dutenek bertan parte hartu dute. Martín Camerónek kontatu du asko baliatu dituztela jarduera hauek, "oso gustura egoten baikinen beste mentore eta umeekin. Horrela, biltzen ginen atzerrietan jaiotako umeekin, eta horrek asko irekitzen du lurraldetasunaren kontzeptua, proiektua aprobetxatu dugu asko ikasteko. Eta bestalde, nire haurrak bazuen aukera beste mentore batzuk ezagutzeko, bertakoen erreferentzia gehiago izateko". Bai Martín Camerónek eta bai Bellido Sesmak azpimarratu dute Urretxindorra proiektuaren bidez ume hauek hiria, kultura eta hizkuntza gehiago ezagutu dituztela. Beren jatorrizko kulturari eusteari garrantzia handia ematen diote, eta aldi berean, bertakoari leku bat egiten saiatu dira tutoreak. Martín Camerónek azaldu duenez, "nire haurra duela bi urte etorri zen, 12 urterekin, eta dagoeneko oso ongi ezagutzen zuen Donostia fisikoki, baina ez zen gerturatzen hemengo bizitzeko modura eta kultur ekitaldietara. Ezagutzen zuen Olentzero edo Donostia Eguna, baina ez zituen bizi. Kontua ez da ez duenik ekitaldi horietara gerturatu nahi, baina parte ez sentitzearen sentimendua bazuen. Kontziente zen bera beste leku batekoa zela. Pareta hori gainditzen saiatu naiz, hemen dagoen unetik, hemengoa ere badela transmititzen". Umeek euskararekiko duten harremana estutzen saiatzen dira Urretxindorra proiektuan. Ume batzuek jarrera ezkorra dute euskararekiko; Manzanik jarri die hitza haien sentimenduei: "Euskara bizi dute eskolako eta akademiako hizkuntza bailitzan, beste haurrak iristen direnera iristen uzten ez dien elementu gisa. Euskararekiko hesi emozional hori haustea da gure helburua, estimua izan diezaiotela, eta ikus dezatela euskara badela maitasunaren hizkuntza ere, laguntasunarena, eguneroko bizitzarena...". Martín Camerónen haurrak ez zuen jarrera ezkorrik euskararekiko, baina hitz egiteko gaitasunik ere ez. Oriora joan ziren egun batean, euskara herri horretan komunikazio hizkuntza arrunta dela ohar zedin, eta umeak kafetegian asteroko colacaoa euskaraz eskatzea izan zen Martín Camerónen helburu xumea. Bellido Sesmaren umeak gaitasun handiagoa zuen, eta zinema euskaraz ikustera joan dira, jolasak ere euskaraz egin dituzte... Tutoreren batek umea bere familiara eraman du, euskara etxeko hizkuntza ere badela erakusteko, edo kuadrillarekin euskaraz aritzen dela erakutsi dio... Ikasturtearen amaieran Urretxindorra Proiektuko partaideek eginiko festako argazkia. Ikastetxearekin harremanetan SOS Arrazakeriak ikastetxeei azaltzen die proiektua, eta parte hartzea ongi etorriko zaien umeak hautatzen ditu ikastetxeak. Hautatutako ume hauek eta gurasoek nahi badute, Urretxindorra proiektuan parte hartzen hasten dira. Manzanik adierazi duenez, "denei garbi uzten diegu ez dela jarduera akademiko bat, helburua ez dela eskolako emaitzak hobetzea... baina eskolak ere baloratu behar dituela emaitza akademikoak ez diren edukiak eta batzuetan emozioei, harremanei eta egoera pertsonalei lotutako faktoreek eragina dutela emaitza akademikoetan. Eskolek ikusten dute umeak hobeto daudela, irekiago, harreman hobeak dituztela... Funtsean, autoestimua hobetzen zaiela eta batzuetan horrek eragina duela emaitza akademikoan, ume hauetako asko ez baitabiltza aise eskolan". Neurtuta, hazten doan proiektua Zazpi bikotek hasi zuten Urretxindorra proiektua duela hiru ikasturte, Donostian eta Errenterian. Hurrengo ikasturtean, 14 bikotera igaro ziren, eta bi herriei Hernani gehitu zitzaien. Aurtengo ikasturtean 28 bikotera hazi da kopurua, hiru herri hauetan. Hurrengo ikasturterako, 35 bikotera iristeko aukera du SOS Arrazakeriak, eta hiru herri hauez gain Lasarte, Tolosa eta Urnietara zabaltzea. Baina Manzaniren arabera, kopuruak ere zaindu beharrekoak dira: "Agerian geratzen ari da behar erreal bati erantzuna ematen ari garela, baina argi dugu helburua ez dela kuantitatiboki proiektua haztea. Ezezkoa esan behar izan diegu ikastetxe batzuei, pertsonen arteko harremanez ari garelako eta harremanak zaindu egin behar direlako. Ezin dira bikote pila bat sortu ondoren ez badugu denborarik harreman horietan sortzen diren arazoak lantzeko". Tutore izateko nola eman izena Irailera arte dago zabalik hurrengo ikasturtean tutore modura izena emateko epea. Deitu dezakezu 943 321811 zenbakira edo idatzi [email protected]. Euskaraz dakitenei lehentasuna ematen diete.
news
argia-38711668958b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/iker-alvarez-itzultzailea.html
"Japonian bakardadea arazo nazionala dela esango nuke"
Reyes Ilintxeta
2017-07-16 00:00:00
"Japonian bakardadea arazo nazionala dela esango nuke" Burua makurtuz agurtu gaitu Iker Alvarez itzultzaile Japonia zaleak. Elkarrizketak aurrera egin ahala gero eta urratuagoak ditu begiak edo nire irudipena izan ote da? Hitzek beti erakarri zaituzte? Gaztetan musikaria izan nahi nuen. Gitarra elektrikoa jotzen nuen eta hori zen gehien gustatzen zitzaidana, baina zaintiratu sendagaitz baten ondorioz utzi behar izan nuen. Nire familia giroa erdalduna izan arren, txikitatik euskaraz ikasi izan dut. Errebeldiagatik edo norbanako gisa agertzeko nire modua zen euskarari, nolabait, aurre egitea. Aldiz, unibertsitatera iritsi nintzenean ohartu nintzen Iruñean euskaraz egitea eta euskaldun izatea dela kolokan dagoena, eta horrek ikuspegia aldarazi zidan. Ekonomia hasi nintzen ikasten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baina berehala utzi eta EHUra joan nintzen Filologia ikastera, euskarak erakarrita. Zenbait euskal testu zahar ezagutzeak zer pentsatua eman zidan. Bereterretxen khantoria edo Txori erresinula bezalako testu ederrek eraman ninduten pentsatzera kultura hori guztia gizatalde baten baitan sortu zela, eta gaur egun ez dagoela gizatalde horren oinordekorik gutaz besterik. Japoniera ikasi duzu. Lehenbizi Japoniarekin maitemindu nintzen eta gero hizkuntza iritsi zen. Japoniera ikasten 16 urterekin hasi nintzen. Nire kabuz. Japonés en viñetas metodo ezaguna ikusi eta horrekin hasi nintzen. Japoniarekiko nuen zaletasunak asko akuilatzen ninduen eta asko ikasi nuen. Gero jakin nuen Iruñeko Hizkuntza Eskolan bazela aukera ikasteko eta han izan nintzen hiru urtez, bukatu ondoren nire kabuz jarraitu nuen. Zaletasun hori nola hasi zen? Jakin nahi nuke nik! Askotan galdetzen didate. Gogoan daukat txiki-txikitatik lilura puntu bat sentitu dudala Japoniako gauzekiko. Marrazki bizidunak, adibidez, oso bereziak ziren niretzat. Haien atzean zegoen kultura, gauzak egiteko modua. Shin Chan -en, esate baterako, ikusten ziren harreman motak, umorea… desberdinak ziren eta nolabait sentitu nuen nire izateko moduak bazuela antz gehiago horrekin nire ingurukoarekin baino, sentimendu hori handitu egin da aurrera egin ahala. Zertan egiten duzu bat japoniar izaerarekin? Japoniar bakoitza mundu bat da, baina badira ezaugarri batzuk nire izaerarekin oso bat datozenak. Harremanei dagokienez, haiek bezala, nik ere distantziak mantentzen ditut, isila naiz eta gustatzen zait besteei beren lekua ematea. Norbait ezagutu eta berehala ez naiz bere lagun min sentitzen. Distantzia mantentzen dut eta hori niretzat ez da txarra, horrek ahalbidetzen duelako denboran zerbait gehiago eraikitzea edo ez, baina beti errespetua mantenduz. Japoniar askok esan didate "ni baino japoniarragoa zara!". Ez zait iruditzen Japonia hau baino leku hobea denik, baina hango kodeak, pertsonak komunikatzeko moduak, lan egiteko erak, nirekin bat datoz. Zaila da han lagunak egitea? Harremanak egitea ez da erraza, eta are bakardadea arazo nazionala dela esango nuke. Ez dakit gure "lagun" kontzeptua ere ba ote den. Japonian jende askok oso gaizki pasatzen du. Eta pentsatzen dena bezain lan zaleak dira? Esango nuke hemen legeak dioena dela garrantzitsuena. Kontratu batean jartzen duena betez gero, jada inork ez dio inori ezer zor. Ez dugu betebeharrik sentitzen lantaldean, bereizketa egiten baitugu gure eta enpresaren helburuen artean. Japonia handia da eta desberdintasun zabalak dira, baina Tokio, Osaka edo Yokohama bezalako hiri handietan lanaren kontzepzioa ezberdina da: bereizketa ez da hain argia norbanakoa eta enpresa-lantaldearen artean. Zu etxera joaten bazara besteak baino lehenago, besteek izanen dute lan gehiago. Zuk ez duzu lortuko diru gehiago ordu gehiago lan egiteagatik, seguruenik. Lana bukatu liteke nagusia edo arduraduna etxera joaten denean. Dena den 12 ordu lantokian egoteak ez du esan nahi gogotik ari direla lanean denbora guztian. Halere, ez da pentsatu behar leku guztietan horrela denik. Gainera, Japonian lan kultura hori ez da hain tradizionala, nahiko gauza berria baizik. Berez japoniarrak nahiko mediterraneoarrak dira. Duela bi urte, Tokion egon eta gero, uda igaro nuen boluntario handik pixka bat hegoaldera. Beste mundu bat da. Han berandu esnatzen ziren, ordutegiak ez zituzten betetzen, biltegia txerritoki bat egina zegoen… eta ni harrituta, hori guztia kontatu nien tokiotar asko bezala. Argazkia: Dani Blanco. Hezkuntzak berebiziko garrantzia du? Ekialdeko Asian oro har, eta agian konfuzionismoaren eraginarengatik, txiki-txikitatik baloratzen da sistematikotasuna. Piano-jotzaile bikaina izateko 5 urterekin hasi behar duzu eta egunero hainbat orduz jo. Eskolan berdin. Hiri handietan, klaseak amaitutakoan etxeko lanak egin, eta horiek bukatu ondoren, klaseko onena izanda ere, gurasoek akademiara bidaliko zaituzte. Sarbide probak prestatzen aritzen dira beti instituturik edo unibertsitaterik onenera sartu ahal izateko. Konpetentzia oso handia da, beraz. Izan, badira sarbide probak baita Haur Hezkuntzan sartzeko ere. Euskara eta japoniera arteko harremanik ikusten duzu? Gutxi batzuek proposatzen dute aspaldian izan zela hizkuntza bat Europa eta Asian zabalduta zegoena eta euskara eta japoniera bere azkeneko adarrak direla. Ez dago justifikatzeko modurik. Gaur egun bi hizkuntzek zenbait gauza antzekoak dituzte: bokal kopurua, hitzek normalean bi silaba dauzkate, deklinabide sistema antzekoa… Egia da, oro har, japoniar batek euskaraz eta gaztelaniaz dakienean hobeki egiten duela euskaraz, bere ama hizkuntzaren gertuagokoa delako. Espainiar Japoniera Oratoria lehiaketara aurkeztu zinen duela bi urte. Oso esperientzia polita izan zen. Bakarrik joan nintzen Madrilera oso ongi jakin gabe zer-nolako lehiaketa zen hura. Ez zait kostatzen jendaurrean hitz egitea eta nahiko ongi atera zitzaidan. Hirugarren saria eman zidaten eta ni harrituta, lehiakideak Japonian luzeago egonak baitziren. Zergatik hautatu duzu Dylan Thomasen poesia zure lehen itzulpen lana egiteko? Dylan Thomas bohemioa zen, bere bizitza nahiko desastrea izan zen. Irakurtzen hasi nintzenetik liluratu ninduen lortzen zuen emaitza estetikoak. Ez nekien ezer bere bizitzari buruz, baina bazuen gauzak irudikatzeko oso modu berezia eta hori beti gustatu izan zait. Pertsona ezagutu eta gero jakin dut sortzen zuen guztia bere buruaren jabe bakarra izateko asmoz egiten zuela. Bere ideiak, bere irudiak… bereak izatea nahi zuen, eta ez beste inorenak. Gustatzen zait halako pertsona batek olerki bikain horiek sortu izana. Arazoak zituen taldeekin identifikatzeko eta nik, nolabait, horrekin badaukat nolabaiteko antza. Antzeman nionean hurbilago sentitu nuen. Nik ere behar hori daukat nire kabuz aritzeko. Niretzat eskola izugarria izan da. Bere poema baten aurrean jartzen zarenean gauza asko konpondu behar dituzu esanahi aldetik, erritmo aldetik, forma aldetik… Harrigarria da nola osatzen zituen poemak, baita nola irakurtzen zituen ere. Irakurri nionean bere poemak literalki irakurri behar direla, niretzat errebelazio moduko bat izan zen. Thomasek burmuinera zuzenean botatzen dizu irudi multzo ikaragarria, denbora bat, isuri bat duena. Hori da poema bat. Orduan, poema batez gozatzeko ez dugu derrigor ulertu behar? Interpretatzeko ahalegina egin dezakezu edo ez, demagun, koadro batekin bezala. Baina lehentasuna emango nioke poema "ikusteko" gaitasunari. Hori ere bada interpretatzeko modu bat, irudiak erakusten dizuna jasotzea. Jakina, irudiak ez dira ausazkoak, badute multzoan zentzu bat, eta beti dago azpiko maila horretan murgiltzea, baina nire ustez poesia da irudi pizte horretan suertatzen den sentsazioa. Argazkia: Dani Blanco. Zuk bi irakurketa horiek egin behar izan dituzu, orduan egin duzuna zer da birsortzea poema horiek? Agian literatura guztia, baina bereziki poesia, birsortu behar da, bestela itzultzean galdu egiten da. Dylan Thomasek, adibidez, hitzak batzuetan aukeratzen zituen haien hotsarengatik. Sakrifikatzen zuen delako mezua soinuarengatik. Logika hori ez baduzu barneratzen egiten ari zarena zer da? Itzulpena ala originala irakurtzeko laguntza bat? Autoitzultzaileek baimen ikaragarriak hartzen dituzte, baina testua zurea ez denean kontu handiz hartu behar duzu. Horretarako saiatu nintzen bere poemagintza sakon aztertzen zuten testuak irakurtzen, lerroz lerro dena bere testuinguruan kokatzeko. Hori da itzulpen kritiko bat. Zera lortu behar nuen: bere horretan balioa duen poema bat, jatorrizko lana errespetatuz. Nolako itzulpenak egiten dira Euskal Herrian? Iruditzen zait euskal literaturan, agian txikia delako, beti gaudela hurrengo mugarriari begira, noiz izango dugun halako nobela euskaraz edo ez dakit zeinen lanak euskaraz… Badirudi prestigio bila gabiltzala testu onen bila baino gehiago, edo erdaldunei esan nahian halako liburu badugula euskaraz gaztelaniaz baino lehenago, eta abar. Esan dezakegu badugula Kixote euskaraz eta Facebooken partekatu, zoragarri, baina irakurlea testura hurbildu eta goza dezan lortzea beste kontu bat da. Uste dut gehiago erreparatu beharko geniokeela horri, zer dugun, eta ez horrenbeste mugarriei, non edo zenbat dugun. Ez naiz ari itzulpenen kalitateaz, baina garrantzitsuena da erabakitzea fokua non jartzen den: euskal lorpena ala literatur lorpena izatean. Lorca itzultzeak zentzua du Hego Euskal Herrian? Izan dezake. Borgesek esaten zuen originala ez dela itzulpenarekiko fidela izaten. Itzulpenak badu zerbait originalak ez duena. Adibidez, izaera aldetik elebidunak garenok desberdinak gara hizkuntza batean ala bestean. Ideiak adierazteko modu desberdinak ditugu eta ondorioz harreman desberdinak egiten ditugu hizkuntza bakoitzean, horregatik nahiz eta literatur lan bat jatorrizko hizkuntzan ulertu, euskaraz irakurtzean agian beste modu batez irakurriko dugu. Sortu liteke, esaterako, lelo politiko bat ustekabean, gaztelaniaz nekez eraginik izango lukeena gure artean. Orain zertan ari zara? Ahalik eta lasterren Japoniara joateko asmoa daukat. Uda pasatakoan. Joan baino lehen gustatuko litzaidake japonieratik egindako itzulpenen bat argitaratzea, lana errazago aurkitu ahal izateko. Badauzkat bi lan itzulita euskarara eta orain berrikuspen fasean daude. Eleberri laburrak dira. Honetaz gain japonierazko eleberri moderno baten lehen zatitxoa ari naiz gaztelaniara itzultzen argitaletxeetara bidaltzeko. Bitartean itzulpen teknikoak egiten ditut. Itzulpen literarioek prestigioa ematen dute baina bizimodua ateratzeko bestelakoak egin behar dira. Freelance moduan agiriak, patenteak, zientzia artikuluak, gutunak… itzultzen ditut ingelesetik, eta batez ere japonieratik. Zaila da Japoniara bizitzera joatea? Orain arte ia ezinezkoa zen. Oso profesional berezia izan behar zenuen, zutaz arduratzen zen enpresa bat behar zenuen atzean edo ikasketak egiten aritu behar zenuen, baina orain bide berri bat zabaltzen ari da bertan urtebete lan egin ahal izateko. Hala ere, hori lortzeko demostratu behar duzu osasun ona duzula eta diruz gauza izanen zarela zure kabuz bizitzeko, eta jakina, oso mugatuta dago bisa lortzen ahal dutenen kopurua. Hori da japoniarren beste ezaugarri bat: atzerritarrekiko mesfidantza. Mesfidantza adierazten dizute, baina oso aurpegi onez. Oso ongi tratatzen zaituzte, baina espero dute etorri bezala alde egitea. Haientzat harmonia kolektiboa zaintzea oso garrantzitsua da.
news
argia-e6f2ab51adc4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/rafael-gonzales-standing-rock.html
"BBVA bezalako bankuek eskuak zikinduta dituzte"
Lukas Barandiaran San Roman
2017-07-16 00:00:00
"BBVA bezalako bankuek eskuak zikinduta dituzte" Rafael Gonzales ekintzaileak (Minneapolis, AEB) erro indigenak ditu –Puerto Ricokoak ere bai–. Horrek eraman zuen, besteren artean, bere hiritik autoz sei ordutara zeuden NoDAPL erresistentzia kanpamentuetara. Herri indigenek eta ekologistek hilabete luzez Dakota Access Pipeline oliobidearen kontra egin zuten Standing Rockeko kanpamentuetan. AEBetako gobernuak kanpamentuak suntsitu eta oliobidea eraiki ostean, Europan barrena itzulia egin du Gonzalesek. Zer da NoDAPL protesta? Hasiera batean DAPL oliobidea Bismarcken zehar egin nahi izan zuten, Bismarck Ipar Dakotako hiriburua da, eta batez ere biztanleria zuria du. Biztanleak kexu agertu ziren, ez zuten nahi oliobidea handik pasatzerik. Ondorioz, Dakota Access proiektuaren kudeatzaileek ibilbidea aldatu zuten, 1851n Laramie gotorlekuan AEBetako Gobernuak eta jatorrizko herriek egindako hitzarmenak aitortutako dakota, lakota eta nakota herrien lurralde erreserbetara eramanez oliobidea. Standing Rockeko komunitateak Missouri ibaiaren beharra dauka. Petrolio isurketa batek ibaiko ura kutsa dezake, eta ibaian behera 18 milioi pertsonaren ura hondatu. Oliobideak lekuko ekosistema arriskuan jarri du, baina horrez gain, erregai fosilen ustiaketa erraztuz, klima aldaketa areagotzen ari da. Oliobidearen kontrako mugimendua Standing Rockeko gazte eta emakumeek hasi zuten, haien gorputzak eraikuntza makineriaren aurrean jarrita; halako ekintza zuzen ez-bortitza erabili dugu batez ere. Mundu osoko komunikabideen arreta erakarri duzue. Lehenengo kanpamentua Sacred Stone izenekoa zen, eta sioux tribuaren erreserban zegoen. Kanpamentua hazi eta 1851ko hitzarmeneko lurretara zabaldu zen. Army Corp Engineers, AEBetako armadaren ingeniaritza agentziak aldarrikatu zuen bereak zirela lur horiek, baina AEBetako Konstituzioak bermatzen du lur horiek aurrez aipatutako herrienak direla. Hasiera batean borroka ez zen bortitza izan Poliziak ez zuelako erantzuteko baliabiderik. Armadaren Guardia Nazionala eta AEBetako beste eskualdeetako Poliziak deitu zituzten, baita mertzenario profesionalak kontratatu ere. Horien artean TigerSwan bezalako enpresa "antiterroristak" zeuden, Ekialde Hurbilean AEBen aginduetara aritu den mertzenario enpresetako bat. Denak elkarlanean jardun dira, Dakota Access oliobidea eta interes korporatiboak defendatzen. Nolako ekintza zuzen ez-bortitza erabili duzue? Gure estrateia nagusia izan da lanak gerarazteko. 2016ko abuztuan hasi genuen. Lehenik eta behin oliobidearen lanak non hasi behar zituzten ikertu genuen, eta leku horretara mobilizazioak antolatu. Gure gorputzak makinen aurrean jarriz, Dakota Access proiektuari milioika dolarreko galera eragin genion. Denbora igaro ahala geroz eta segurtasun neurri handiagoak hartzen hasi ziren eta Polizia bortizkeriarekin eta errepresioarekin erantzuten hasi zen: gomazko pilotak, granada nahasgarriak, entzumena kaltetzen duten armak, borrak eta taser pistolak, besteren artean. Aipatutako arma ugari, Poliziaren arabera, ez omen dira hilgarriak, baina esaterako, ur-kanoiak erabili dituzte kanpoan zeropeko tenperaturak zirela, eta horrek hipotermia arriskua eragin zigun, norbait hil zezaketen erraz. Poliziaren errepresioa gogortu zen, baina jende mordoak eutsi zion. Tentsio eta bortizkeria egoera horrek kanpamentuaren amaierara arte iraun zuen. Zergatik erabili zituen mertzenarioak AEBetako Gobernuak? Ipar Dakotako Gobernua ez zegoen prest halako erresistentziari aurre egiteko, baina AEBetako Gobernuaren eta Dakota Access proiektuaren arteko elkarlan zuzena zegoen. Proiektuaren atzean dauden enpresek, Enbridge eta Energy Transfer Partners-ek besteren artean, diru asko daukate, botere nahikoa dute mertzenario enpresak kontratatzeko, eta mertzenarioak edozein molde erabiltzeko prest daude. TigerSwan bezalako taldeak infiltratu ziren eta berandu arte ez genuen horren berri izan. Ekintzaile ugari fitxatu eta zelatatu zituzten. Ez dut uste Ipar Dakotako Poliziak hori egiteko baliabiderik duenik, ez dakite halako kanpamentu handi bati aurre egiten. Argazkia: Dani Blanco. TigerSwan Trumpen kontrako protestak erreprimitzeko ere erabiltzen hasi da AEBetako Gobernua. Gainontzeko protesta sozialen aurka ere mertzenarioak erabiliko dituztela uste duzu? Bai, uste dut oraingo administrazioak areagotuko duela. NoDAPL beste borroka askoren artean bat gehiago da. Klima aldaketaren kontrako borroka mugatzen du, xenofobiaren, homofobiaren eta sexismoaren aurkako ekintzaileen kontra ere egiten du AEBeko administrazioak. Gizon txuri aberatsei boterea ematen jarraitzen dute, eta ondorioz kolektibo ugarik administrazio horren faxismoaren kontra egiten du. Geroz eta jende gehiagok borrokatu, orduan eta mertzenario gehiago erabiliko dituztela mugimenduen kontra egiteko. Zer harreman du hasierako Dacota Access proiektuaren lekualdatzeak Gobernuak jatorrizko herriei ematen dien tratuarekin? Oliobidea gure lurretatik igaroaraztearekin gu jatorrizko herri gisa suntsitu nahi gaitu gobernuak. Gaur egungo arrazismoaren, ingurumen arrazismoaren adibide argia da. Gobernuak eta korporazioek urte luzez ustiatu dituzte lur hauek, horren adibide dira indusketak eta uranio erauzteak. Jarduera horiekin lehen kaltetuak jatorrizko herriak izan dira. Obamak DAPL proiektua geldiarazi zuen 2016ko udazkenean, baina Trumpek berriro jarri zuen indarrean. Obamaren Gobernuak ez zuen proiektua geldiarazi, moteldu egin zuen soilik. Army Corp Engineersek abenduaren 4an esan zuen ez ziola baimenik emango Dakota Access proiektuari Missouri ibaiaren azpian zulaketak egiteko; ingurumen eraginari buruzko txostena egitea ezarri zieten baldintzatzat proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Dena den, Obamaren Gobernuak askoz ere gehiago egin zezakeen proiektua gelditzeko, baina ez dut uste Obamak benetako asmorik zuenik jatorrizko herriak babesteko, Dakota Accessek zulaketak egiten jarraitu baitzuen. Zergatik jarri zuen berriro martxan proiektua Trumpek? Trump oliobidearen proiektua bera finantzatzen ari delako, eta aldi berean, Energy Transfer Partners, Dakota Access eraikitzen ari den enpresak Trumpen hauteskunde kanpaina finantzatu zuelako. Trumpen Gobernua eta Dakota Access elkarlan koordinatuan aberasten ari dira. Izango al du ondorio judizialik guzti honek? Standing Rockek prozesu judiziala ireki du oliobidea legez kontra eraikitzeagatik. 1851n hitzartutako lurretan eraiki dute, beraz, AEBetako konstituzioa urratu dute. Standing Rockek eskubide osoa du epaitegietan borroka egiteko, baina uste dut epaitegietan ez dela ezer lortuko. Epaitegietara joateak ez du inoiz balio izan jatorrizko herrientzat. Borrokaren alderdi guztiak dira garrantzitsuak, baina nire ustez estrategia onena desobedientzia zibila da, ekintza zuzen ez-bortitza, gure gorputzak oliobidearen aurrean jartzea. Epaitegietara joateak ez du inoiz balio izan jatorrizko herrientzat Desibertsio kanpaina bat ere planteatu duzue. Oliobidearen proiektua finantzatzen ari diren bankuei presio egiten diegu. Publikoki lotsarazten ditugu oliobide bat eraiki eta jatorrizko herrien genozidioa finantzatzeagatik. Bankuak azken 500 urteetan eta AEBetako sorreratik jasan dugun zapalkuntza berresten ari dira proiektu horien finantziazioarekin; ingurumen arrazismoa bultzatzen dute banku horiek, gure lur sakratuen suntsipena finantzatzen ari baitira. Inbertsioak atzera botatzea galdegiten dugu. Bada banku horien artean bat, BBVA, "hemengoa" dena. BBVAk 120 milioi dolar inbertitu ditu Standing Rockeko proiektuan. Hori da gu orain hemen egotearen arrazoietako bat. Salatu nahi dugu BBVA eta Credit Suisse banku europarrak milaka milioi dolar inbertitzen ari direla Dakota Access proiektuan. Europako banku horiek kolonizazioari eta herri indigenen zapalkuntzari jarraipena ematen diote. Nekatuta gaude eta ez dugu gehiago jasango, borrokan eta haiek lotsarazten jarraituko dugu. Zer esan nahi diozu bertako jendeari? BBVAn kontu bat baldin badute gure jendearen eta ama-lurraren kontrako genozidioa bultzatzen ari direla. Lehen pausoa kontua ixtea da. BBVA bezalako bankuek eskuak zikinduta dauzkate, eta jendea horretaz ohartarazi eta esnarazi behar dugu. Esan duzu borrokak jarraituko duela, nola? Jatorrizko herri bezala pentsatzen dugu merezi duela gazteei mundu atseginagoa uztea. Desinbertsio kanpainaren inguruan mugitzen jarraituko dugu, bankuak seinalatzen eta markatzen. Adibidez, urrian beste itzuli bat egingo dugu Europatik. Erresistentzia jarraitzeko ikuspegia pentsatzen ari gara, badira oliobideen kontrako bestelako borrokak, eta baliteke horietan ikustea hemendik gutxira, baina ezin dut horretaz hitz egin.
news
argia-57ae77c34083
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/sozialki-errentagarri-ez-den-trena.html
Sozialki errentagarri ez den trena
Aiala Elorrieta Agirre
2017-07-16 00:00:00
Sozialki errentagarri ez den trena Ordubete pasa, denbora asko ala gutxi ote da? Bilbotik Donostiarako autobusak tardatzen duen denbora da hori. Ordubete pasa lanera iristeko, ordubete pasa kontzertu batera joateko, ordubete pasa laguna edo senidea ikustera joateko, ordubete pasa bilera batera garaiz –edo berandu– heltzeko. Autobusean eserita noala, lehengo batean AHTren inguruko Udako Ikastaroan entzundakoaz hausnartzeko aprobetxatuko dut. Ordubete pasa era desordenatuan hartu nituen oharrak nire buruan antolatzeko. Horretan ere ziria sartu digute AHTren bultzatzaileek; hasieran promesten zen denbora aurrezkia erabat lausotu da. Azken estimazioek 55 minutuko bidaia aurreikusten dute. Garraio gaietan adituak diren ekonomialariek AHTren errentagarritasun ezaz jardun zuten. Ekonomialariak diren arren errentagarritasunaz ari direnean, errentagarritasun sozialaz ari dira. Hau da, ekonomian "kanpokotasun" esaten dena kontuan hartzen dute: kutsadura, errepideak liberatzeko gaitasuna, denbora aurrezkia, istripu kopurua... Alderdi finantzarioari erreparatuz, AHTko linea gehienek kostuak estali gabe funtzionatzen dute. Gakoa beraz, finantzieroki errentagarri ez dena, sozialki errentagarria ba ote den baloratzean datza. Espainiako Estatua liderra da biztanleko AHT eraikitako kilometrotan, baina bidaiari kopuruari erreparatzean kontrakoa gertatzen da: elite txiki batek baino ez du erabiltzen. Jende gehienak ohiko trenak erabiltzen ditu eskualdean zehar mugitzeko. Ikuspuntu honetatik, AHTren eraikuntzak bete-betean jotzen du ekitatearen aurka eta baliabideen birbanaketa handia izaten ari da gizartearen sektore pobreenetatik aberatsenetara. Gizarteko sektore aberatsentzat izango den trena ekitatiboa ez den zerga-bilketa bidez finantzatzen ari da. EAEn langile klaseek zuzeneko zergen %35,5 ordaintzen dute, kapital errentek ordaintzen dutenaren hirukoitza, hirukoitza. Gure agintari neoliberalek eta beraien komunikabideek etengabe jartzen dituzte zalantzan gizarte-politikak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBSE) deslegitimazio kanpaina ikustea besterik ez dago. Ez digute, ordea, enpresen iruzur fiskalaz hitz egiten eta ez digute argi esaten 2017ko aurrekontuetan AHTren eraikuntzarako DSBEra bideratuko denaren hirukoitza gastatzea erabaki dutela. Bai, hirukoitza Gainera, AHTren eraikuntzan xahutzen den euro bakoitza, beste esparru batera bideratzen ez den euroa ere bada: hezkuntzara, etxebizitza sozialetara edota ingurumena zaintzera bideratzen ez dena. Gure agintari neoliberalek eta beraien komunikabideek etengabe jartzen dituzte zalantzan gizarte-politikak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) deslegitimazio kanpaina ikustea besterik ez dago. Ez digute, ordea, enpresen iruzur fiskalaz hitz egiten eta ez digute argi esaten 2017ko aurrekontuetan AHTren eraikuntzarako DSBEra bideratuko denaren hirukoitza gastatzea erabaki dutela. Bai, hirukoitza. Enplegu-sorkuntza argumentu hutsala da AHT bezalako proiektu bat defendatzeko. Kontua da, zer enplegu eta zertarako sortzen ari garen. Helburua enplegua sortzea baldin bada, AHT kilometroak eraiki ordez, eraiki ditzagun osasun-zentro, zahar egoitza edota haur-eskola gehiago. Euskal AHTren eraikuntzaren kasuan, langileak oso baldintza prekarioetan ari dira lanean. Urko Apaolaza kazetaria lan izugarri garrantzitsua egiten ari da esplotazio horren testigantzak jasotzen . Arazoa ez da ekonomikoa, ez eta ekonomialariena ere: zenbat eta ebidentzia gehiago jaso, geroz eta nabariago da ezetz, Euskal AHT ez dela sozialki errentagarria. Arazoa erabakiak hartzen dituztenena da, arazo politikoa beraz. Errentagarria ez dela jakinda ere, kilometroak eta zuloak egiten jarraitzen dugu. Politikariak tematuta daude trenaren bideragarritasuna defendatzen. Nahiz eta aurreikusitakoa baino garestiago izango den hirietarako sarbideak egitea, nahiz eta estreinatu gabeko tunelak dagoeneko zaharkituta geratu diren. Noiz arte jarraituko dute AHT errentagarria dela esaten?
news
argia-66261903feca
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/la-via-campesinaren-vii-nazioarteko-biltzarra.html
Munduko nekazari txikiek Euskal Herrian dute hitzordua
Unai Brea
2017-07-16 00:00:00
Munduko nekazari txikiek Euskal Herrian dute hitzordua La Via Campesinak, munduko laborari elkarterik handienak, Euskal Herrian egingo du VII. Nazioarteko Biltzarra. Globalizazioari modu bateratuan aurre egiteko jaio zen antolakundea duela 24 urte; ordutik asko hazi eta sendotu da, politika neoliberalak areagotu diren hein bertsuan. Derioko apaiztegian batuko diren mundu osoko ehunka ordezkariak multinazionalen oldarraldiaz, nekazari txikien defentsaz eta lurra berreskuratzeaz jardungo dira, besteak beste. Elikadura burujabetzaz, bi hitzetan esanda. 1993an antolakundearen sorrerako bilkura Valonian egin zenetik, Europara berriz etorri gabe zegoen La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarra. Euskal Herria aukeratu dute horretarako, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, EAEko administrazio publikoak antolakundearen zenbait proiekturi ematen dien laguntza eta Paul Nicholson militante historikoak haren bilakaeran izan duen garrantzia. Nazioarteko Koordinazio Batzordean EHNE Bizkaiako kide Unai Aranguren egoteak ere izango du zerikusirik, jakina. Orrialdea pasata irakur dezakezue hari egindako elkarrizketa.      Arangurenek azaldu digunez, Europan laborantzak duen egoerari garrantzia emango zaio biltzarrean. "Europan orain arte kapitalismo sozialagoa, edo berdeagoa, izan da, eta orain kapitalismo hori basago bihurtu da; jendea konturatzen ari da sozialdemokraziak ez duela argi definituta zer nahi duen kontinenterako". Ez da etxekoontzako gaia bakarrik; Europaren ahotsak berebiziko eragina du mundu osoko nekazaritza politiketan, bai erakunde publikoen bai bertako enpresa transnazionalen bitartez. Europar Batasunaren jarrera, esaterako, oztopo bihurtu da La Via Campesinak agendan duen asmo garrantzitsuenetako bat gauzatu dadin: NBEk nekazarien eta landa eremuetan lan egiten duten beste pertsonen eskubideen aldarrikapena egitea. AEBekin batera, EBk argudiatu du ez dela beharrezkoa laborarien eskubideak babesteko beren-beregi tresna bat sortzea, Giza Eskubideen Aldarrikapena aski baita, nekazaritzaren alorrari dagozkion eskubide espezifikoei dagokienez ere. La Via Campesina izan zen nekazarientzako aldarrikapen hori sortzeko prozesuari bultzada eman ziona duela hamarkada bat baino gehiago, eta ez dago orain amore emateko prest, are gutxiago kontuan izanda pixkanaka lortu dutela estatu batzuek hasieran zuten aurkako jarrera leuntzea. Borroka horretan eman beharreko pausoak Derioko biltzarreko hizpide nagusietako bat izango dira, Unai Arangurenek esan digunez: "Baikorrak gara, baliteke datorren urtean NBEk adierazpen bat egitea, eta hori garrantzitsua da guretzat, gaur egun ez baitaukagu nazioarteko tresnarik –epaitegi bat adibidez– gure eskubideen zapalketak salatzeko, eta gero eta gehiegikeria gehiago jasaten ari gara multinazionalen aldetik". Nekazari militanteen aurkako erasoak gogoan Gehiegikeria horiekin lotuta dago VII. Nazioarteko Biltzarrean jorratuko duten beste gaietako bat: nekazarien aurkako kriminalizazioa, errepresioa eta indarkeria. Oraindik orain eraso bat jasan duen Berta Zuñiga, 2016an Hondurasen eraildako Berta Cáceres ekintzailearen alaba, biltzarreko gonbidatuetako bat izango da. Haren amari eta beste hildako batzuei omenaldia egiteaz gain, "VII. Biltzarrean nekazari jendeak elkartasunezko kontraerasoa abiaraziko du", iragarri du La Via Campesinak. Batzuentzat militantziak ez luke hain ondorio larririk izango jokoan dagoena oso garrantzitsua ez balitz. Baina bada. Denon elikadura da hemen solasgaia. Eta oroz gain, elikagaiak sortzeko ereduen arteko talkaz egingo da berba Derion. La Via Campesinak VII. Nazioarteko Biltzarraren karietara zabaldutako dokumentazioan, lurraren, hazien, basoen, uraren eta bizilekuen defentsa aldarrikatzen da lehen-lehenik. Jabez aldatzen ari dira aipatutakoak, tradizioz landu edota erabili dituzten laborariengandik industria handietara. Eta industria hori are boteretsuago bilakatzeko bidean da, konpainia erraldoien fusioen bitartez (ikus LARRUN aldizkariaren 221. zenbakia ). "Milaka urtez nekazariek izandako bizimoduaren aurkako mehatxurik handiena hortik dator", dio La Via Campesinak.       Agroekologiaren defentsa   Derioko apaiztegian egingo dute La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra (Arg.: Adam Cli-CC By) Nekazariek, eta ez konpainia handiek, landu behar dute lurra bertatik elikagaiak ateratzeko, baina ez edonola, La Via Campesinaren aburuz. Horregatik, agroekologiaren aldeko apustu politiko garbia egiten du mugimenduak: "Agroekologiak botereari desafio egiten dio, eta tokian tokiko komunitateak jartzen ditu elikagai-ekoizpenaren erdigunean, naturarekin bat eginik. Ez da nekazaritzaren industria 'egokitzeko' tresna bat, haren alternatiba baizik". Derioko biltzarra amaitzearekin batera jakingo dugu zein erronka zehatz ezarriko dion La Via Campesinak bere buruari datozen lau urteetarako. Edozein dela ere, ez da txikia izango, aurrean dagoen arerioa ez den bezala. Nolanahi, antolakundearen mende laurdeneko bilakabideak argi uzten du erantzun globalizatuak beharrezkoak direla globalizazioari buru egiteko. La Via Campesina 200 milioi inguru pertsonaren ordezkaria da, eta horrek, Unai Arangurenek ohartarazi digunez, zenbait gobernuk baino botere handiagoa edukitzea dakar.
news
argia-0181d6060a35
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/pozak-eta-negarrak.html
Pozak eta negarrak
Xabier Etxaniz Erle
2017-07-16 00:00:00
Pozak eta negarrak Jasone Osorok Jara eta Ezekielen ondoren Beire aurkezten digu lan honetan, bera baitugu Eskularru beltzak liburu honen protagonista; bilduma berri bati hasiera ematen dion lehen lana (ez dugu ahaztu behar bilduma bat izateak irakurlea harrapatzeko eta lan berrietara hurbiltzeko bidea errazten duela). Hamabost-hamazazpi urte bitarteko gazteak dira liburu honetako protagonistak eta Joseviskyk ilustrazioetan erakutsitako estetika eta estiloa ikusita nerabeei zuzendutako bilduma dela esango genuke. Hasiera, gainera, oso zinematografikoa da, bat-batean irakurlearen interesa eta jakin-mina pizten duena: "Larruzko txupa kendu zuen. Zutik jarri zen eta, platera bere burutik behera bota ondoren, kamiseta tiranteduna beltza zopaz blai geratu zitzaion. Isiltasuna jangelan". Horrela jokatzen duena Beire dugu, gurasoek –bere nahiaren kontra– ingeles barnetegi batera bidali dutena uda igarotzera (eta ingelesezko aipuak hasieran nabarmenak diren arren, gero desagertu egiten dira). Narratzailearen fokua batik bat Beirerengan dago kokatuta. Hark zer sentitzen, pentsatzen eta egiten duen erakusten digu, baita neskaren amorru sentimenduak ere nola plazaratzen diren. Orriek aurrera egin ahala, baina, barnetegiko beste pertsonaia batzuk ageriko dira (oso gutxi eta gehienak azaletik), bai eta kanpoko mutil erdi misteriotsu erdi interesgarri bat: Baba. Mutikoak, boxeoaren bidez lortzen du sufritzen duen egoera larriaren aurrean oreka (ama gabe, aita alkoholikoa eta bera harrera zentro batean bizitzen); eta horretan lagunduko dio Beireri. Liburuaren lehen zatia Baba eta Beireren arteko harreman hausturarekin amaitzen da; Beirek boxeo konbatea galduta eta Baba konbatean agertu barik. Eta horixe izan zitekeen liburuaren amaiera, baina bigarren zati bat ere bada, ikasturte hasierarena. Eta hara, kasualitatea, Baba Beireren eskola eta klase berean agertuko da. Hemen, aste batzuk lehenago lagunak zirenak etsai moduan agertuko zaizkigu. Barnetegian mutilaren babesa behar zuena, lur jota zegoena… eskolako erregina gisa azaltzen da. Sua taldearen burua eta denek miresten edo beldurra dioten neska. Ziur nago Jasone Osororen aurreko liburuetako abenturak eta gazteen arteko harremanen inguruko pasadizoekin disfrutatu zutenek gozatu egingo dutela liburu honekin ere. Idazkera bizian, ikuspuntu ezberdinak ongi josiz, Osorok irakurketa atsegina lortu du. Irakurlea harrapatzen duen testua eta gizakion jokabideen inguruan gogoetara eramango gaituena ageri diren pertsonaiak direla eta (neska totela, bullyinga egiten dutenak,  besteen atzean ezkutatzen direnak…). Gaur egungo gazteen eguneroko abenturak eta desbenturak, pozak eta negarrak.
news
argia-e4ab9921433f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/azken-mohikanoen-sindromea-kausitzen-dut-hainbat-abertzalerengan.html
"Azken mohikanoen sindromea kausitzen dut hainbat abertzalerengan"
Peio Etxeberri-Aintziart
2017-07-16 00:00:00
"Azken mohikanoen sindromea kausitzen dut hainbat abertzalerengan" Baionan sortu zen 1973an, baigorriar familia batean. Alabaina, Donibane Lohizunen hazi eta hezi da tipitatik. Herri Berri taldeko hautetsia da bere herrian. EH Baiko hautagaia izan da azken bi hauteskunde legegileetan, VI. barrutian. Historialaria da. Elkar argitaletxeko editore lanetan ari den politikaria: "Historialariaren eta politikarien funtzioak ez dira erraz uztartzen, politikak anitzetan erabiltzen du historia, eta ez honen mesederako preseski" erran digu. 12.665 hauteslek eman dute boza EH Bairen alde. Zein da emaitzen balorazioa? Espanturik gabe, emaitza baikorki hartu dugu. Lehenik, hauteskunde legegileak zailenak direlako, Frantziako Asanblea Nazionalerako diputatua hautatzen baita. Abertzale bat hautatzea arraroa da. Alta, EH Bai hirugarren indarra izan da Ipar Euskal Herrian. Boz kopurua eta portzentajea emendatu ditugu. Testuingurua zaila da: hauteskunde legegileak presidentzialek baldintzatuta daude, boz horien ondoren hautesleriak hautatu berri den presidenteari eman ohi dio boza berriz ere. Hexagonoko zortzi hilabeteko kanpainaren ondoren –ezkerraren eta eskuinaren primarioekin  hasi zena– gu agertu gara, azken unean. Baldintza horietan boz kopuru hori lortzeak balore izugarria dauka. Gainera, abstentzioa inoiz baino handiagoa izan da, eta guk goiti egin dugu gure tipian. Hauteskunde-barrutitik barrutira, zer azpimarratuko zenuke?    VI. barrutian, Donibane Lohitzunekoan, eta IV.enean, Biarnorekin lotzen gaituen barrutian, ongi ari garela, baina BABn (Baiona-Angelu-Biarritz) dela gure puntu ahula. Hiri handietan emaitzak txarrak ditugu, emendatzen ari bagara ere –egiari zor Miarritzen ere aitzina egin dugu–, orokorrean ez dugu lortzen aski emendatzea.   Nola emendatu daitezke emaitzak BABn?   BABn edo hirietan ez dago patu txarrik. Adibidez, 2001ean, Donibane Lohitzunen, Herri Berri sortu berria zelarik, %11,5 egin genuen, ez zen izan portzentaje alimalekoa, baina bozetik bozera lan eginez, herriko lanetan presente egonez, hamasei urte berantago, bozen %26 egiten dugu. Oposizioko lehen taldea gara Herriko Etxean, lau hautetsirekin. Eta Donibane Lohitzunek antza gehiago dauka Biarritzekin, Ezterenzubirekin baino. Alegia, BABn ere emendatu daiteke. Baina horrek eskatzen du eguneroko politikan presente egotea. Hiriko abertzaletasunaren arazo estrategikoa ageri da hor. Miarritzen ez dugu herriko bozetan zerrenda abertzalerik. Hautagai abertzaleak, erosotasunez beharbada, besteen zerrendetan aurkezten dira, gehienak eskuineko zerrendetan. Nola nahi duzu gero emendatzea gainerako hauteskundeetan? Nola nahi duzu sinesgarritasuna lortzea, ez baduzu mezu propiorik legegileetan zure aldeko boza eskatzeko. Herri lanean eta herriko bozetan dago gure soluzioa, horiek ez baditugu sakon lantzen nekez emendatuko gara hirietan. Alta, EH Baiko sei hautagaiak gero eta ageriago izan zarete herri nahiz hirietan?   Baiki. Gure adina azpimarratzekoa da, 40 urte ingurukoak gara. Beste hautagairekin alderatuta, gazteak gara. Gure indarra horretan datza. Aire freskoa ekarri dugu politikara, abertzaletasunaren mezua aldatzen ari gara. Duela urte zenbait "gu euskaldunak gara, zuek ere izan zaitezte" erraten genion jendeari. Mezu bakar horrekin kostaldeko hirietan "gu euskaldun?" zioten. Oraingo mezua aldiz, hauxe da: "Izan zaitezkete euskaldun, eta bizitzaren arlo hauetan –etxebizitza, enplegua, garraioa, hondakinak...– soluzioak aurkezten dizkizuegu, besteek ez dituztenak edo haien bestelakoak". Donibane Lohitzunen etxebizitza aipatu dugu azken kanpainan eta sinesgarritasuna lortu dugu. Jendeak ez gaitu ikusten euskaldun eta abertzale gisa bakarrik, beren bizitza hobetzeko alternatiba gisa baizik. Mezu koherente hori da gure arrakastaren gakoa. Gazteak gara, ezkertiarrak, teknikoki seriosak, pedagogia politikoa ere egiten dugu, ez gara dogman eta mezu sinplistetan erortzen. "Kasu, gehienetan 'notableak' gehien kritikatzen dituztenak dira haien partez 'notable' bilakatu nahi dutenak"   Gakoa, beraz, tokian tokiko hautagaitza abertzaleak eta EH Bai uztartzea da. Bai. Herri Berri hautagaitza adibide ona da, baina ezin da parekatu EH Bai eta Herri Berri. EH Bai alderdi abertzale ezkertiar eta ekologikoa da, Herri Berri aldiz anitz zabalagoa da. Herri Berri taldean nukleo abertzale bat dago, eta inguru hurbilean abertzaleak ez direnak. Adibidez, PCFko Ivette Debarbieux (Alderdi Komunistako kidea) Herri Berrin sartu da, aitzineko bozetan PCFko eta PSko zerrendetan egon ondoren. Emakume horrek ez du bere alderdia utzi, baina gu ezagutu ahala dinamika abertzalean sartu da. Esaterako, Bake Bidea ekimenean ari da. Ez nuen uste Legebiltzarrerako hauteskundeetan gu sostengatuko gintuenik, PCF alderdiak eta Frantzia Intsumisoak beren hautagaia aurkezten baitzuten. Guregandik aski urrun ziren jende batzuk pixkanaka ari dira hurbiltzen, sinesgarriak bilakatzen ari gara ikuspegi irekia eman dugulako gurekin batera aritzeko. EH Bai ari da zabaltzen. EH Baiko dinamika biziosoa ari da birtuosoa bilakatzen. Uztaritzeko Herriko Etxearen eta Bruno Carrere auzapezaren bilakaera horren adibidea da.  Abertzale batzuek hauteskunde legegileetan  parte-hartzea sistemari jokoa egitea dela diote. Ez naiz ados horiekin. Sistematik kanpo egon daiteke, baina jarrera horretan azken mohikanoen sindromea kausitzen dut: "Ari gara desagertzen eta desagertzeko prest gaude, aratz eta garbi". Nik ez dut desagertu nahi. Areago, ez desagertzeko eta nire alternatiba sustraitzeko sisteman egon behar dut eta berau barnetik aldatu. Sistematik kanpo egonik jendeak marjinal bat bezala hartzen nau eta desagertuko naiz. Nik arazoei aurre egin nahi diet aktiboki. Herriko merkatuan ibiltzen naizenean, "zer erran behar diot ene auzokideari hobekiago ulertua izateko?", galdetzen diot ene buruari. "Euskalduna naiz, zure sistemak itotzen nau, ez dut zurekin deus jakin nahi" erraten badiot, "nor da zozo hau?" pentsatuko du. Abertzale batzuek nahi dute garbi egon, besteok borrokaz tronpatzen garela diote. Gure bidea kritikatzen duten horiek ez ditut inon ikusten, artikulu batzuetan edo ostatuetako terrazetan "zuek denbora galtzen duzue hauteskundeetan" erranez ez bada. Zein da haien alternatiba? Gu tronpatzen garela esatea alternatiba proposatu gabe, arduragabekeriatzat jotzen dut.      Abertzaletasuna bihurgune batean dago betiere Iparraldean. Hain segur. Ni ez naiz abertzalea bakarrik, hiritarra ere banaiz. Kontzientzia hiritarra daukat, jendartea begiratzen dudalarik ez diot soilik ene ikuspegi abertzalea eskaintzen, moraltasuna defendatu nahi duen ikuspegia baizik. Ni Peio Etxeberri-Aintziart burges tipi bat naiz, badut lana, etxe bat, ez naiz pobrezian, baina jendea langabezian ikusten dut: paperik gabeak, beltz edo arabiar estigmatizatuak, elbarriak eta abar. Eremu politikoa abandonatzen badut, ez badut alternatibarik proposatzen, areago, ez badut bozkatzen beste batzuk uzten ditut ene izenean hautuak egiten. Demagun, Fronte Nazionalak (FN) aginduko balu, ondorioak ez nituzke baitezpada nik sufrituko, jende horiek baizik. Bozkatzen dudalarik, beharbada elikatzen dut sistema, baina hasteko pentsatu nahi dut pertsona horien alde ere bozkatzen dudala. Kritikatzen gaituzten horiek argi eta garbi egoten ahal dira, baina hein batean egoistak dira. Emmanuel Macronen Errepublika Martxan alderdia garaitu da. Emaiguzu fenomeno politiko berri horren zure aburua.   "Diputatu berriak ezagututa, Macronen alternatiban areago handitzen zaizkit zalantzak. Kargurik izan ez duten pertsona gisara ekarriak dira, politika aldatuko dutenak, eta ez da egia" Egoera arras berria da eta nehork ezin du Macronen bosturtekoak zer emanen duen aurreikusi. Orain arte, V. Errepublikan alternantzia klasikoa ezagutu dugu, eskuina eta ezkerra aldizkatuz. Aldaketak Estatuaren arazo estrukturalari erantzun nahi dio epe ertainean, krisi egoerari lotua dena gainera. Krisiak hiru hamarkadatan iraun du eta azkenekoan areagotu da krisi ekonomikoa, soziala eta klimatikoa dela eta. Jendea ase da, eskuin eta ezker klasikoek ez baitute aterabiderik atzeman langabeziaren arazoan. Hauteskundeetan abstentzioa handituz doa, eta eskuin muturra eta ezkerra handituz joan dira: FN eta Frantzia Intsumisoa horren adibidea dira. Fenomenoa hauek ere Europan eman dira. Frantziako Estatuan ez zela gertatuko uste zuten, baina hemen ere gertatu da, eta ez bakarrik arrazoi estrukturalengatik, arrazoi koiunturalengatik ere bai. Politikariek ez dute krisia konpontzen laguntzen, gainera haien politikan irregulartasunak izan dituzte, beren lagunak enplegatzen dituzte modu fiktizioan, hots, sosa ebasten dute. Sistemako botereek Macronengan ikusi dute nolabaiteko irtenbidea. Macron ohartu zen jendea ase zela, aspertuta, eta botere esparruan sartzeko leiho bat behar zuela, leiho hori eskuinak eta ezkerrak eskaini diote. Eskuinak primarioetan François Fillon hautatzean –hautagai eskuindarrena, tradizionalista– Macroni zentroa zabaldu zion. Alain Juppé izan balitz, Macronek ez zukeen espazio hori ukanen. Ezkerrean berdin, bosturteko agintaldi txarra eta gero Benôit Hamon hautatua izan zen, ezkerrenean zegoena. Manuel Valls izan balitz ezberdin zitekeen egoera. Horrek guztiak ekarri dio Macroni espazio zabalago bat. Nehork ezin du erran zer emanen duen, berak dio, ezkerretik eta eskuinetik elikatzen dela, baina nik ez dut sinesten esparru zabal horrek epe luzera iraun dezakeenik. Areago, nahasketa horretan eskuina aterako da garaile, liberalismoa. Horrek ez du gehiengoa aseko. Urte batez edo biz atxikiko du, komunikazioari esker, baina une batez hainbat gaietan hautu bat egin beharko du, eta orain dituen sostenguak galduko ditu. Florence Lasserre-Davide eta Vincent Bru dira Ipar Euskal Herriko diputatu berriak, Macronen aldekoak. Diputatu horiek ezagututa, Macronen alternatiban areago handitzen zaizkit zalantzak. Kargurik izan ez duten pertsona gisara ekarriak dira, politika aldatuko dutenak, eta ez da egia. Batetik, Lasserre-Davide, Jean-Jaques Lasserreren alaba, Angeluko eta Departamenduko hautetsia da, ez da bilkuretara joaten, ez du deus egiten. Colette Capdevielle diputatu ohiaren aurka lehiatu da kanpainan, ez zituen dosierrak ezagutzen, ez zen gauza eztabaidetan deus esateko. VI. barrutiko diputatu berria Vincent Bru da, Kanboko auzapez 30 urtez, Departamenduko hautetsia ere bai, duela bost urte Les Républicains-eko Michèle Alliot-Marie diputatu eskuindarraren ordezkoa izan zen. Bayrouren MoDemek behartu zuen Macronen En Marche alderdira pasatzera. Hori al da politika aldatzea? Hala ere, jendeak biak hautatu ditu, Macron uhinak bultzaturik.  Abstentzioa handitzeko arriskua gero eta handiagoa da, baita jendeak politikariak uzkur begiratzeko ere.   Alta, François Bayrouk Moraltasun Legea ezarri nahi zuen politikan. Zer iritzi duzu? Jendeok –emakume eta gizonek– egiten dugu politika. Gizakiak garen ber baditugu mugak, muga moralak. Boterea eta sosa jokoan direlarik, politika profesionalizatzen hasten delarik, "ez dut nire kargua eta karrera galdu nahi, ez jendartean ohorea galdu nahi" joera nagusitzen da. Goxoa da hautetsia izatea, balore erantsia dauka. Horrek dena erotzen du politikaria, ez bakarrik Parisen, han batez ere, baina gu herriko hautetsiak ez gaude arrisku horretatik kanpo, gure herriko etxeetako kargu tipiak ere ekartzen digu ohorea –ez baitezpada sosik, ez dugu sosik irabazten– Enbatak edota EMAk iraganean kritikatu genituen ohorea eta notabilismoa. Kasu, gehienetan notableak gehien kritikatzen dituztenak dira haien partez notable bilakatu nahi dutenak. Beraz, mugimendu abertzaleak hautetsi gehiago ukan ahala, arrisku hori dauka. Bere tipian, hainbat herritan hasia da jokamolde hori zabaltzen. Guk ere, abertzaleok, lanjer hori dugu, eta zepo horretan berean eror gaitezke. Beraz, has gaitezen gure etxean berean joera hori garbitzen.
news
argia-0491ddcb9654
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/elikadura-burujabetzaren-aldarria-nafarroako-parlamentura.html
Elikadura burujabetzaren aldarria Nafarroako Parlamentura
Garazi Zabaleta
2017-07-16 00:00:00
Elikadura burujabetzaren aldarria Nafarroako Parlamentura Ekainaren 13an bukatu zen Nafarroako Parlamentuan Mugarik Gabe Nafarroak, Mundubatek eta IPES fundazioak elkarlanean abiatutako '"Gobernantza lokal eta eraldatzailea elikadura burujabetza eta genero berdintasun gakoekin" prozesuari. Herrialdeko bost merindadeetan saioak egin dituzte sei hilabetez: emakume ekoizleak, instituzioetako partaideak eta gizarte mugimenduetako eragileak aritu dira herrialdeko nekazaritzaren eta elikadura gobernantzen inguruan hausnarrean eta eztabaidan. Ekaineko azken saio horretan, euren ondorioak eta eskakizunak parlamentura eraman dituzte tokiko ekoizleek. Emakume ekoizleen bozgorailu Parlamentuan, merindadeetako saioetan ateratakoarekin osatutako Emakume ekoizleak eta elikadura burujabetza Nafarroan, generoaren ikuspegitik dokumentua aurkeztu zuen Esther Monterok. Jarraian, emakume ekoizleen izenean Gotzone Sestorainek hartu zuen hitza. Gizartearen eta administrazioaren partetik beren lanaren aitorpen eza kritikatu zuen ekoizleak, eta salatu zuen administrazioak askotan lagundu baino beren egoera zailtzen duela: burokrazia konplexuen bidez eta diru-laguntzen menpeko bihurtuz nekazari txikiak ito dituzte eta horietako asko lanbidea uztera bultzatu: "Eredu produktibo neoliberal eta patriarkal baten menpeko gara, jendea nekazaritza eremutik kanporatzen duena eta emakumeak baztertzen dituena". Instituzioei eskaera zuzena egin zieten emakume ekoizleek: egin dezala elikadura burujabetzaren eta sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki jasangarria den nekazaritza eredu baten aldeko apustua. Hori martxan jartzeko proposamen zehatzak eraman zituzten, sei puntutan banatuta: haziak, lurra, diru-laguntza publikoak, salmenta zuzena eta zirkuitu motzeko komertzializazioa, hezkuntza eta zerbitzu publikoak. Bestelako gobernantza ereduak Elikadura gobernantzen inguruan martxan dauden hainbat proiektu aurkeztu zituzten saioaren bigarren zatian zonalde bakoitzeko ordezkariek, gauzak aldatzeko borondatea adieraziz.
news
argia-f474921d610e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/chocolate-remix.html
"Orain, festa feminista gehienetan dantzatzen da reggaetoia"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-07-16 00:00:00
"Orain, festa feminista gehienetan dantzatzen da reggaetoia" Politikoki perreatzen erakutsi digunetako bat da Romina Bernardo argentinarra: "Lesbian reggaeton" kontzeptua asmatu zuen, eta musika-genero horretako kantuak sortzen ditu Chocolate Remix izenpean. Urtetan isilarazi dena ekarri nahi du dantzalekura, eta ospatu: lesbianen aukera, bizitza eta harremanak. Bermeon bildu ginen harekin, Talako kantinan kontzertua eskaini aurretik. Txantxa gisa abiatu ei zenuen proiektu hau 2013an. Orain, ordea, disko bat atera duzu, eta bigarren aldiz ari zara kontzertuak ematen Europako hainbat herrialdetan. Zelan bizi izan dituzu lau urte hauek? Harrigarria izan da, ez bainuen espero horrela gertatuko zenik, baina, egia esan, nahiko modu naturalean etorri da dena. Bestalde, nahiz eta hasieran txiste moduko bat izan, etxean grabatutako kantua internet bidez zabaldu eta hilabetera eskaini nuen lehen kontzertua, beraz, nahiko azkar bihurtu zen txantxa huts bat baino zerbait gehiago. Ni neu orain dela bi urte hasi nintzen kontua serio hartzen. Zer dela-eta? Hasieran, txantxa bat zen musikaren ikuspegitik ere: jolasean aritzen nintzen, eta ea zer ateratzen zen hortik. Tartetxo bat behar izan nuen identitate sendoago bat topatzeko. Kontzeptualki oso-oso zehaztuta zegoen proiektua hasieratik, musikaren aldetik, ordea, ez. Nik gitarra jo izan du beti: lehenengo aldiz ari nintzen ekoizten eta kantatzen! Bilaketa moduko batean ibili nintzen, eta momentu batean, zenbait gauza lortu nituen, zenbait irizpide bete, maila pertsonalean premiazkoak zitzaizkidanak hau proiektu musikal gisa lantzeko: soinu bat, kantatzeko modu bat… Zure iritziz, zergatik lortu du halako arrakasta "lesbian reggaeton" honek? Uste dut, hein batean, reggaetoiak berak duela meritua. Genero hori sinplekeriatzat eta musikalki eskastzat jotzen da, baina argi dago reggaetoiak baduela halako flow bat, bere-berea, eta indarra daukala beste hamaika faktore gorabehera: jendea dantzan hasten da, arreta ematen dio… "Reggaetoiari egozten zaizkion diskurtsoen gainetik, nire iritziz, espazio batzuetan lotsa handia zegoen dantzatzeko" Bestalde, hainbat pertsonak ezin zuten genero horretaz gozatu hainbat arrazoi direla medio, bazegoen halako muga ia moral bat. Beraz, muga horiek eraldatuta eta gauza potenteagoak eginda, jendea engantxatu egin da. 2013. urtea, Buenos Aires hiria. Zer-nolako harremana zeukaten LGTB komunitateak eta reggaetoiak? LGTB espazio arruntetan, hots, hain militanteak edo politizatuak ez zirenetan, reggaetoi asko jartzen zen. Espazio horietan, beste diskurtso akademiko batzuek ez zeukaten halako indarrik, eta aiseago dantzatzen eta gozatzen zen. Espazio militanteagoetan berriz, gogoan dut kontzertuak egin nituen lehenengo aldietan jendeak dantza egin nahi zuela, baina ez ziola bere buruari baimenik ematen. Zer ote zen arbuio horren iturria? Klase ertaineko espazio horietan, eta Buenos Aireseko klase ertaina eta Europakoa antzekoak dira, beste modu batean ulertzen dira gorputza, dantza eta beste hainbat gauza. Nire iritziz, oroz gain, reggaetoiari egotz dakizkiokeen beste diskurtso horien guztien gainetik, lotsa handia zegoen. Nik han ikusten nituen denak mugitzeko gogoz, baina ez zitzaien posible iruditzen, ezta milioi bat urtean ere, lau hankan jarri eta dantzan hastea. Uste dut horrek zerikusi handiagoa zeukala beste kontu batzuekin: moralarekin, egokitzat jotzen denarekin, zer den cool eta zer ez… Egoera aldatu egin da, ezta? "Estilo hau ez da rocka baino gutxiago, kontua da ea zenbateraino lantzen duen berea musikari bakoitzak" Bai, hain justu ere, orain halako ikono bat bihurtu da reggaetoia feminismoaren barruan, hainbat diskurtsoren ondorioz. Besteak beste, June Fernandezek esandakoa oso potentea izan zen. Hasieran arbuiatzen zen, baina mugimendu horren guztiaren ondoren gogo biziz hartu zen eta orain festa feminista gehienetan reggaetoia dantzatzen da. Are, festa feminista erradikaletan reggaetoia da gehien dantzatzen den musika-estiloetako bat. Eta reggaetoiaren ohiko eszenan jo al duzu inoiz? Huts-hutsean reggaetoiarenak diren espazioetan ez dut sekula jo, ez. Paradoxikoa da. Egia esan izugarri gustatuko litzaidake horrelako toki batean aritzea, baina iruditzen zait nik egiten dudanak hautsak harrotuko lituzkeela oraindik ere horrelako tokietan, beraz ikusiko dugu. Reggaetoiaren eszena, 2013an, aparteko mundutxo bat zen, eta halakoxea da oraindik ere; lotuago dago logika mainstream arekin. Argazkia: Dani Blanco. Argitaratu berri duzun diskoko kantuei buruz hitz egin nahi nuke. Tartean dago txantxa gisara zure etxean grabatu eta internet bidez zabaldu zenuen estreinako kantu hura: Nos hagamos cargo . Hori iruditu zait diskoko kanturik reggaetoneroena. Guztiz ados nago. Kantu horren bidez gogora ekarri nahi nuen bere garaian gehien markatu ninduen reggaetoia, 2000ko hamarkadako eskola hori. Hein batean omenaldi bat da, eta hain zuzen Daddy Yankee omendu nahi nuen. Gauza asko esan daitezke haren lanari buruz, baina Daddy Yankee eta Gasolina kantuagatik ez balitz, neu ez nintzateke hemen egongo. Estilo honi kritikatzen zaion gauzetako bat da musikaren aldetik eskasa dela. Zeure diskoa askotarikoa da hala ere. Zer aldatu da lehen abesti hura sortu zenuenetik? Reggaetoi asko entzuten dut, eta aztertzen dudanean zer-nolako gauzak egiten dituzten ekoizleek, ikusten dut bila eta bila dabiltzala. Hasi nintzenean, gauza zaila eta konplexua iruditu zitzaidan. Gainera, digitalki ekoizteko bide horrek zabaltzen dizkizun aukerak ez dira sekula agortzen. Musika estilo orotan ikertu daiteke asko, baina zentzu horretan, reggaetoia ez da rocka baino gutxiago, kontua da ea zenbaiteraino landu nahi duen berea musikari bakoitzak. Nik neuk soinuak ikertu nahi nituen, bestelako erritmoak txertatu... Ez nuen nahi halako reggaetoi-formula bat topatu, eta gero abestiak katean ekoitzi. Nola sortzen dituzu abestiak? Normalean, oinarri nahiko sinple batekin hasten naiz, eta horren bitartez halako klima bat sortzen dut, giro bat, sentipen batzuk… Oso garrantzitsua da klima deitzen diodan hori bilatzea. Gero, hortik abiatuta hasten naiz pentsatzen ea nondik joko duen letrak. Hain zuzen ere, reggaetoiari egozten zaion beste akatsetako bat da hori, eduki sexistak zabaltzearena. Zuk zeuk nola lantzen dituzu letrak? "Emakumeen arteko sexuaz aritzean irudi zerutiarra edo pornografikoa ikusten nituen; nire asmoa bere horretan erakustea da" Niretzat oso-oso garrantzitsuak dira kantuen hitzak, bai soinu diren aldetik, baita edukiaren aldetik ere. Edukiari berebiziko garrantzia ematen diot. Reggaetoiean asko erabiltzen da errima, eta nik neuk barra-barra baliatzen dut. Marko bat ezartzen du, eta horrek mugatu egiten du zer hitz erabil dezakezun, munduan dauden milioika hitzen artean. Muga horiek lagundu egiten dizute sortzen: hasten zara pentsatzen ea nola nahastuko dituzun hau eta beste hau, eta hortxe topatzen dituzu gauza magikoak. Hainbat kantutan oso modu esplizituan agertzen dira lesbianen arteko sexu-harremanak. Zeure musikaren helburuetako bat zen lesbianak ikusgarri egitea, eta iruditzen zait bereziki sexuaren eremu hori ekarri duzula lehen lerrora. Hain justu ere, horixe zen proiektuaren oinarrietako bat. Nik garai hartan, emakumeen arteko sexuari buruzko oso gauza gutxi ikusten nuen telebistan-eta. Gainera, emakumeen arteko sexuaz hitz egiten zen bakoitzean aipatzen zen halako gauza zerutiar bat, zera, bi aingeruk topo egin balute bezala han nonbait… Ez zeukan inongo loturarik haragiarekin. Gero, bazegoen beste iruditegi bat, pornoan ohikoa dena, gizon heteroen begiradari zuzendua. Iruditzen zitzaidan ez zutela errealitatea islatzen, ez batak, ez besteak. Hortaz, nire asmoa zen emakumeen arteko sexua bere horretan erakustea. Eta propaganda apur bat egin nahi nuen, noski! (Barreak). Azken batean, mundu honetan, jaiotzen zarenez geroztik hartzen zaituzte heterosexualtzat, eta saldu egin behar dira bestelako sexualitateak, jendeak jakin dezan aukera hori badagoela eta ondo dagoela, ez dela arazo bat eta gozatuko duzula. Argazkia: Dani Blanco. Bien bow abestiak jatorri berezi samarra du, ezta? Reggaetoiko kantu ia denetan erabiltzen da denbow izeneko erritmo bat. Sorburuan dance estiloko erritmo bat zen, baina Shabba Ranks musikari jamaikarraren kantu bati zor dio izena eta ospea. Kontua da kantu hori oso-oso homofoboa dela. Ingelesezko bow hitzak makurtu esan nahi du eta kasu honetan harreman homosexualei egiten die erreferentzia. Kantuak hauxe zioen: "Gona daraman gizona bow da, beste emakume bati begiratzen dion emakumea bow da, altxa eskua ez bazara bow", eta abar. Gero, gaztelaniazko bertsioak egin zituzten Nando Bum eta El General musikariek, reggaetoiaren aitzindariak biak. Nando Bumena oso esplizitua zen, El Generalena apur bat lausoagoa, baina jatorrizkoaren mezua gordetzen zuten biek eta sekulako arrakasta bildu zuten. Eta zuk buelta handi bat eman diozu… Bai, asmoa zen kantuaren remake bat egitea, erantzun gisa; iraina neuretzat hartu dut, eta esan: bai, bow naiz, oso bow, eta harro nago. Kantu horretan bertan, beste hauxe diozu: "Oso bow gara, homosexualak, maritxuak, bollerak, bisexualak, intersex eta transexualak; denetarikoak gara salbu eta neoliberalak". Esaldi hori egoera berezi batean sortu zen. Azken hauteskundeen ataritan geunden, orain Macri ultra-eskuindarra daukagu gobernuan, eta kanpaina handia egin genuen hori gerta ez zedin. Ekitaldi handi-handi bat antolatua genuen, baina bertan behera geratu zen euriaren ondorioz, beraz plaza batean bildu ginen kantari guztiak, eta free style-an aritu ginen. Nik feminismoaren eta aniztasunaren alorra ordezkatzen nuen, beste kantari batzuek beste aldarrikapen batzuk zeuzkaten, baina denok gentozen bat: ez genuen nahi eskuinak irabazterik Argentinako hauteskundeak. Testuinguru zehatz horretan sortu zen ideia, baina eskuina mehatxuka dabilen edozein egoeratara ekar daiteke. Askotarikoak garela diozu Bien bow abestian, eta askotarikotasun hori haragi bihurtu duzu Como me gusta a mí kantuaren bideoklipean. Lesbianismoa eta horren barruko aniztasuna ospatzeko asmoz sortu nuen Como me gusta a mí : hementxe gaude, hauxe gara, eta jakin dezala mundu guztiak. Azken batean, historikoki, kontrakoa egin da: gure kolektiboa isilarazi. Bestalde, bideoa grabatzea gauza ederra izan zen. Badago talde bat, El Tortazo izenekoa, eta hortxe gaude Buenos Aireseko lesbiana guztiak eta esango nuke beste hiri batzuetako zenbait ere. Argazki erotikoak eta halako gauzak konpartitzen ditugu talde horretan, eta hantxe bertan bota nuen bideoklip bat grabatu nahi genuela eta ea inork etorri nahi zuen. Itzela izan zen, zeren berehala esan zidaten mordo batek baietz: ez zen inongo hautapenik edo halakorik egin, beraz emaitza benetakoa da, gure kolektiboan dagoen aniztasun errealaren isla.
news
argia-f96d5b0faf78
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/bagenekien-zertara-eta-zergatik.html
Bagenekien zertara eta zergatik
Jon Aranburu Artano
2017-07-16 00:00:00
Bagenekien zertara eta zergatik Errekaleorren, elkartasun uholdean egin den kontzertu sortaren kronika. Asteotan ikusi dugu: Eguraldi makurra zetorrela eta, azken momentuan –eta eztabaida luzeen ostean, ziur– EHZ jaialdiaren antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute urte guztian mimoz prestatzen aritutako jaialdia; erantzuna, elkartasun erauntsia herri, hiri eta beste hainbat txokotan. Halako zerbait pasa zaigu Gasteizen maiatzaren erdi aldetik aurrera: alkateak, gau txar bat pasa ostean-edo, goiz euritsu batez ertzainek babestutako Iberdrolako langileak bidali zituen Errekaleorreko auzokideei argindarra kentzera. Hortik aurrerakoak badakizkizue.Eta honek ere, noski, sortu du beste elkartasun uholde bat. Argindarra kentzera joan zitzaizkienetik Errekaleorreko biztanleek hainbat elkartasunezko bisitari izan dituzte, tartean gure inguruko talderik esanguratsuenetako asko: Joseba B. Lenoir, Anari, Berri Txarrak, Willis Drummond, Izaki Gardenak, Harresian Zulo… Hartuko luke Udalak halako kartela berehala izango diren Gasteizko jaietarako. Baina, zorionez, bada oraindik talonarioei irabazteko gai denik. Ezin da diruz antolatu hain denbora gutxian halako kontzertu sortarik, eta ekainean, gainera. Eta argindarrik gabe, noski! Baina zergatik jotzen da aldarrikapen momentu hauetan zuzeneko emanaldiak antolatzera? Taula gainetik kantu eskaintzan aritzeak, zer eragiten dio entzuleari? Eta musika-taldeek ere zergatik jo nahi izaten dute halako gogoz? Behin entzun nion lagun bati taula gainera igotzea ere zerbait politikoa zela. Nola, non, zertara, zergatik, noren aurrean, zenbat aldiz, zenbat denboraz… Galderak erantzun behar dira, erabakiak hartu. Eta erabaki horietakoren bat uztarritik ateratzen denean, mugitzen da zerbait. Errekaleorren ikusi ditugun emanaldietan ez ohiko erantzun batzuk eman zaizkie galdera horiei: Willis Drummond astelehen buruzuri batez ikustea, sarrera doan zela; Anari pozez entzutea kantuan hasterako, musikan aritzeak halako auzoak ezagutzeko eman dion aukeragatik; edo Berri Txarrak manifestazio baten amaiera ekitaldian jo eta su; edota Izaki Gardenak, atsedenean behar lukeenean, inoiz baino indartsuago. Entzulerik gabe, ordea, ez dago ezer. Musikariek egiten dituzten galdera berdinak egin behar izaten ditugu geuk ere, askotan modu inkontzientean. Aditzea bera ere bada politikoa, noski, beraz. Joaterako, denok genekien zertara gindoazen; hura ez zen eman eta hartu hutsa. Zertara eta zergatik ziren batzuek eta besteok erantzun genituen galderak. Eta denok ere erantzun bera izateak eragin zuen halako indar estatiko bat, agintekeriaz kendutako argindarra bueltatzerainokoa ia. Beldurra izaten da, halakoetan, bertaratzearen zergatia ez ote den lausotuko, emanaldiak berak sortutako euforiak ez ote duen bestea estaliko. Kasu honetan, ordea, espero dezagun –hala nahiko nuke– errekak egingo duela bere bidea, bide luzea.
news
argia-9b9d53d4fb78
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-07-16 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. Jakin nahi nuke zer ari den gertatzen gure inguruan ezpelarekin eta zer irtenbide proposatzen duzun. Luis Erice (Hernani) Kaixo Luis. Ezpelak ( Buxus sempervirens ) bi arazo nagusi ditu gurean: gaitza ( Cilindrocladium buxicola ) eta harra ( Cydalima perspectalis ). Azken aldi honetan harra dabil ugari eta oso txarra da, hostoak jaten ditu eta gero adarren azala, landarea erabat soildu arte. Hosto batzuetan harizko habitxo modukoak aurkituko dituzu. Ahal duzun azkarren tratamendua egiten hasi: astero-astero egin behar da, Bacillus thuringiensis izena duen botika bat erabilita. Harraren beraren gaitz bat da eta ez landareei ez guri ez lurrari ez digu kalterik egiten. Nekazaritza ekologikoan erabiltzen da. Xaboiarekin nahastuta bota behar da, ahal izanez gero xaboi potasikoa. Eta ez ahaztu, astero-astero, landarea alde guztietatik ondo bustiz.
news
argia-bb9aecb22aa5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/banatuko-bagina.html
Banatuko bagina?
Zigor Etxeburua Urbizu
2017-07-16 00:00:00
Banatuko bagina? Ez, tamalez ez da notizia izan egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak bururaino eraman duela euskararen erabilera arautzen duen 2013-2017 normalizazio plana. Hori balitz! Albistea EAEko Epaitegi Nagusiak eman du, aurreko legealdian osatu genuen planaren aurkako epaia eman baitu. Gauzatu da Espainiako Estatuaren zaldun Urkixoren mendekua. Ezin zuen eraman 2011n hasi eta 2015eko maiatzera arte iraun zuen amets egi bihurtua. Lehenik Gipuzkoako udalen aurka ekin zion, berreuskalduntzeko haien ahalegin koordinatu bikaina (kontratazio publikoetako hizkuntza irizpideak, helduen euskalduntzearen doakotasuna, komunikazio euskalduna…) zangotrabatzeko. Aldundia jomugan zuen, insurrekzio euskaltzale haren buru zelakoan, baina ezin. Aldundian, ordura arteko araua aldatu gabe praktikatu genuen gure hizkuntza politika berria, eta legealdi amaieran onartu genuen politika hori jasoko zuen erabakia. Bitartean, txapeloker frustratua zain zegoen, amorruz. Euskaraz bizitzea apeta gisa saltzen digute, euskaldunon eta soilik euskaldunon kontu bat bailitzan. Gainera, Aldundian agintekide dira uste dutenak gehiegi dela lan publikoetarako euskara eskatzea, eta gipuzkoarron euskara planaren aurka egiteko Estatuaren X euro baliatu dira Euskaraz bizitzeko hautua eta determinazioa gauzatu genuen euskarari lehentasuna eman zion praktikan. Horretarako arrazoi teknikoak genituen (eta ditugu), bi hizkuntza ofizial izanik, hautatu egin behar baita zein jarri lehenengo eta zein gero. Gainera, arrazoi soziolinguistikoak ere bagenituen (eta ditugu), Gipuzkoa lurralde euskalduna baita. Erakundeari zegokion errealitate euskaldun horri egoki erantzungo zion hizkuntza praktika garatzea, euskaldunen hizkuntza hautua erraztuz eta gaztelania nahi zutenen hautua bermatuz. Eta arrazoi politikoak genituen (eta ditugu) Euskal Herria berreuskalduntzea baita abertzaleon helburu behinena, eta horretarako, ekitatezko politikak ezarri behar dira euskararen mesedetan, "egoera desberdinetan daudenak berdin tratatzea ez baita berdintasuna, injustizia baizik" (Ekolingua). Emaitzak entzutetsuak eta begi-bistakoak izan ziren: erakundearen agerraldietan eta ekitaldietan euskara nagusitu zen, aldibereko itzulpena boladan jarri zen, euskaltegietan ikasleak gehitu ziren, hizkuntza aholkularitzen telefonoak astindu zituen enpresa askok eta abar. Orain zer? Bada, euskaraz bizitzea apeta gisa saltzen digute, euskaldunon eta soilik euskaldunon kontu bat bailitzan. Gainera, Aldundian agintekide dira uste dutenak gehiegi dela lan publikoetarako euskara eskatzea, eta gipuzkoarron euskara planaren aurka egiteko, Estatuaren X euro baliatu dira, Aldundian buru den alderdiak babestu duen aurrekontutik. Teleberriak ez dizu kontatuko, baina gehitzen eta bizkortzen ari dira gure buruak gobernatzeko ahalmenaren eta nahiaren aurkako urratsak. Zenbat irabaziko genukeen Espainiatik banatuko bagina!
news
argia-31fc2b3d793a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/sibarisko-mokofinak.html
Sibarisko mokofinak
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-07-16 00:00:00
Sibarisko mokofinak Akeoek, K.a 720. urte inguruan, Magna Greziako kolonia nagusietakoa fundatu zuten Italiako botaren zolan: Sibaris. Miletorekin eta Etruriarekin merkataritza bizian hasi ziren berehala, eta Tirrenoko kostalderaino zabalduko zuten beren eragina. Oparotasun hark sibariten izaera taxutu zuen: lana gutxiesten zuten, eta luxua maite; errementariak eta arotzak debekatu zituzten, lan giroa zabalduko zuten beldur; oilarrak ere galarazita omen zeuden, ez baitzuten goiz iratzartzeko beharrik; eta ilea urrezko lokarriz lotzen omen zuten. Hiria K.a. 510. urtean suntsitu zuten, eta Kratis ibaiaren bidea aldatu zuten urak eta lohiak hiria estal zezaten. Baina "sibarita" mokofinaren sinonimo da orduz geroztik.
news
argia-e657bcaffb22
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/basoa-jan.html
Basoa jan
Jakoba Errekondo
2017-07-16 00:00:00
Basoa jan Basoa behera, basoa gora. Gure etorkizuneko ingurumen politikaren ardatza beharko lukeenaz, suak kiskaltzen ez duen artean ez gara gogoratzen. Orain bai, Portugalgo zorigaiztoko sutearen ondoren, denon ahotan basoa. Eukalipto urdina dela (Eucaliptus globulus), pinu beltza dela (Pinus radiata), bertako edo kanpoko espezieak direla... Badaukagu bai, zer hitz egin, proposatu, elkar hartu, adostu eta bideratu basoaren etorkizunaz. Baina suak pasatako lurraren azala berritu eta birsortzen den bezala, suaren puria pasatakoan egin beharko da. Purialdian bada, baita ere, basoari begiratzeko era berri bat. "Baso jangarri" deitzen da azken urte hauetan hedatzen ari den nekazaritza ikuspegi berri bat. Ia atzo arte basoa izan da gure bizimoduaren oinarria. Bertatik eskuratu izan dugu energia (egurra, adarra, ikatza, iduria...), ura, materialetarako zura, erritoei eta espiritualitateari eusteko landareak eta usteak, inaurkinetarako azpigaia (zarba, garo, orbel...), aziendarentzako larreak eta bazkak, sendagaiak (belar, sustrai...) eta geuretzako jakiak (perretxikoak, landareak, animaliak, fruituak...). Jakiak sortzeko erabilpen horri helduta, etorkizunean jaki ugari sortuko duten basoak sortzeko asmotan dabil jende mordoxka bat. Nola diseinatu, sortu eta mantendu baso jangarriak? Bi baldintza: non biziko da baso hori eta zer bildu nahiko dugu gero. Horien arabera egiten dira moldaketak eta landaketak. Izan ere, bada zer landatu. Hasteko, zuhaitzak eta arbolak etortzen dira burura: fruitu arbola ezagunak, baina baita ezezagunak edo aspaldi bazterrera utzita ditugunak ere: otsolizarra, gurbea, basagurbea, hostazuria, gurbitza, sagarmina, maaltza; ezkurrak ematen dituzten haritz, ametz, erkametz, arte, artelatz eta abarrak; pinaziak ematen dituzten pinuak, pagoa... Zuhaixkak ere badira emaile oparo askoak: laharra, endalaharra, ahabia, mugurdia, arakatza, arkakaratsa, erramua... Jaki sortzaile izateaz gain, beste erabilpenetan pentsatuz basoa sortzen duenak asmatuko duela iruditzen zait: aisialdia, didaktika, etnobotanika, paisaia kulturala...
news
argia-bfa979c639d6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/hedd-wyn.html
Gerrak isildutako poeta galestarra
Dabi Piedra
2017-07-16 00:00:00
Gerrak isildutako poeta galestarra Hedd Wyn olerkaria Galesko hizkuntzaren eta tradizioen sinbolo ezaguna da, haren heriotzatik ehun urte igarota ere. Uztailez hil zuten Lehen Mundu Gerran. Galesezko literaturaren ordezkari nagusietako bat hil zuteneko mendeurrena gogoratuko dute uztailaren azken egunean. Ellis Humprey Evansek, ezizenez Hedd Wyn, Flandriako lokatzetan aurkitu zuen heriotza Lehen Mundu Gerran. Bere olerkietan sorterriaz eta bakeaz idatzi zuen baina, halabeharrez, etxetik urrun eta gerra bete-betean hil zen. Aste batzuk geroago, lubakietatik bidalitako poema batek Galesko lehiaketarik ospetsuena irabazi zuen. Yr Ysgwrn izeneko etxaldea Hedd Wynen historia tragikoaren lekuko isila izan zen. Trawsfynydd herritik hurbil dago etxe bakarti hori, Gales iparraldeko mendi malkartsuen magalean. Umea zenetik gerrara joan behar izan zuen arte, han bizi izan zen Ellis Humprey Evans. Baserri giroan hazi eta hezi zen, gales hutsean bizi zen gizarte tradizionalean. Gehienbat, sorterriaren eta herrikideen ingurukoa da haren poesia. Herri zeltetan mendez mende igaro den bardoen tradizioan murgildu zen, eta beste bardo baten iradokizunari kasu eginez Hedd Wyn ezizena hartu zuen. Bake bedeinkatua edo bake zuria esan nahi du. Izan ere, bakezalea zen, guztiz, Hedd Wyn. "Kristaua zen eta, zentzu hertsian kontzientzia eragozlea ez bazen ere, ez zuen armarik hartu nahi ez beste inor hil nahi", dio Naomi Jonesek. Idazlearen eta Yr Ysgwrn etxaldearen ondarea zaintzeaz arduratzen den Eryri Natur Parkeko Agintaritzako hezkuntza eta komunikazio burua da Jones.   Hedd Wyn 1917ko uztailaren 31n hil zuten Lehen Mundu Gerran. Ingalaterrako eta Galesko poeta handien lanak irakurrita aberastu zuen bere estiloa Hedd Wyn gazteak eta hamaika urte zituenerako idatzia omen zuen lehenengo olerkia. Naomi Jonesen esanetan, Hedd Wyn autore erromantikoa zen eta maiz erabiltzen zituen naturako irudiak. Eisteddfod izeneko literatur lehiaketetan hainbat sari eman zizkioten. Erdi Arotik antolatzen dira halako topaketak eta Galesko hizkuntzaren eta kulturaren ezaugarri nagusietako bat dira. Nolanahi ere, Eisteddfod Nagusia , urteroko hitzordu arranditsua, artean irabazi gabe zeukan 1917ko uda tragiko hura iritsi zenean. Baserri lana eta olerkigintza ziren Hedd Wynen bizimoduaren ardatzak, Gerra Handirako deia ate joka etorri zitzaion arte. Flandriako lubaki amaigabeetara joatea egokitu zitzaion orain dela ehun urteko uztail euritsu eta ilun hartan. 1917ko literatur lehiaketarako aste gutxi batzuk baino ez ziren falta eta frentean bertan idatzitako Yr Arwr (Heroia) olerkia bidali zuen lehiaketara. "Lurrean bakea eskatzen duen poema da", azaldu du Naomi Jonesek. Uztailaren 31ko goizean, Pilckem Ridgeko batailaren lehenengo egunean, bala batek bete-betean jo zuen sabelean. 30 urte zituen. Gerrak Galesko idazle handienetako bati emandako zorigaiztoko amaieraren berri zabaldu baino lehen, irailaren 6an, Eisteddfod Nagusia antolatu zuten Ingalaterrako Birkehnead hirian. Lehiaketako olerkirik onenaren egileari egur landuzko aulkia oparitzeko ohitura dute eta orduko hartan ere prest zuten Eugeen Vanfleteren maisu flandiarrak egindako aulki ederra. Epaimahaiburuak iragarri zuen Hedd Wyn zela irabazlea baina jaialdiko Druida Nagusiak han bildutakoei azaldu zien idazlea sei aste lehenago hil zutela gerran. Irabazlearen aulkia oihal beltz batez estali zuten eta harrezkero Y Gadair Ddu esaten diote, alegia Aulki Beltza. Yr Ysgwrn etxaldera eraman zuten aulkia eta gaur egun han dago oraindik. "Berehala jendea etortzen hasi zen Galesko bazter guztietatik, baita kanpotik ere, aulkia ikustera eta familiari doluminak ematera", azaldu du Naomi Jonesek. "Aulki Beltza sinbolo bihurtu zen, ez Hedd Wynena bakarrik, baita Lehen Mundu Gerran hil ziren 40.000 galestarrena ere, aulki huts hura Galesko etxe askotan geratu ziren aulki hutsen oroigarria da". Eisteddfod Nagusia irabazi zuen Yr Arwr ez ezik, beste olerki gogoangarri ugari ondu zituen Hedd Wynek. Ingelesez ere ondo moldatzen zen arren, galesez idatzi zuen ia beti, hura baitzuen etxeko hizkuntza. Horregatik, alderdi kulturalean hutsune handia utzi zuen poetaren heriotzak, 20. mendearen hasierako idazle garrantzitsuena baitzen Galesen. Hain gazte hil ez balute, nork jakin noraino iritsiko zen. Galesko Lauaxeta Alde horretatik, Hedd Wynek utzitako hutsuneak Hego Euskal Herrian hogei urte geroago gertatutakoa gogora dakar. Euskal literaturan eta hizkuntzan izandako pizkundea itzali zuen 1936ko gerrak, kultura izan zen gerraren biktimetako bat Galesen zein Euskal Herrian. Antzekotasun handia dute, esaterako, Hedd Wynen eta Lauaxetaren ibilbideek. Atzerriko literatura sakon ezagutu zuten bai Hedd Wynek baita Lauaxetak ere, eta galesez eta euskaraz idazteko hautua egin zuten Baserri giroan haziak, naturari eta sorterriari idatzi zioten Ellis Humphrey Evansek eta Estepan Urkiagak, bizimodu tradizional eta nolabait idealizatua gogoan. Atzerriko literatura sakon ezagutu zuten biek, baina galesez eta euskaraz idazteko hautua egin zuten. Kristau fededunak zirela nabarmena da Hedd Wynen nahiz Lauaxetaren olerkietan. Gerra parean egokitu zitzaien eta antzeko adinarekin hil zituzten, artean gazte. Hedd Wynen heriotzaren mendeurrena gogoratuko dute Lauaxetaren fusilamenduaren 80. urteurrena oroitu den urte berean. Esan daiteke Hedd Wyn dela Galesko Lauaxeta edo, beharbada, Lauaxeta da Euskal Herriko Hedd Wyn. Ehun urte igarota, Galesko literaturaren eta hizkuntzaren mito handienetako bat da Hedd Wyn. Gerald Williams, poetaren iloba, Yr Ysgwrn etxaldean bizi da eta bere arbasoek egin zuten bezala, bisitari guztiei ongietorria egiten die. Ez zuen osaba ezagutu, baina Hedd Wynen eta Aulki Beltzaren inguruko pasadizo guztiak dakizki. "Etxean Ellis deitzen zioten eta Gales guztian ospetsua izan arren gurasoek beste seme-alaben pareko tratua ematen zioten", kontatu digu Williamsek. "Poesia bere pasioa zen, berandura arte egoten zen idazten". Eryri Parke Naturaleko agintaritzak Yr Ysgwrn erosi zuen 2012an eta goitik behera berritu du etxaldea, Hedd Wynen ondarea belaunaldiz belaunaldi transmititzen segitzeko. Babestutako ondarearen lege-babesa duen etxe horretako pieza baliotsuena Aulki Beltza da, hori ere kontu handiz zaharberritua. Gerald Williams "harro" dago bisitariei osabaren berri eman ahal izateaz. "Aitona-amonek, Hedd Wynen gurasoek alegia, pozez hartzen zuten jendea beti eta nik ere gozatu egiten dut, batez ere gazteen jakin-mina antzematen dudanean". Osabaren pasadizoak kontatzeaz gain, mezu garbi bat ematen die Williamsek belaunaldi gazteei: "Yr Ysgwrnen ikusten dute gerra suntsitzailea dela eta espero dut horrek mundu hobe bat eraikitzeko gogoa sortuko diela".
news
argia-c4a486baedf4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/rosa-binimelis-ekologia-ekonomia-etika.html
"Teosinteak kalte handiak eragin ditu Aragoin eta Katalunian; Nafarroan ezjakintasuna da nagusi"
Hegoi Belategi
2017-07-16 00:00:00
"Teosinteak kalte handiak eragin ditu Aragoin eta Katalunian; Nafarroan ezjakintasuna da nagusi" Sastraka inbaditzaile bat agertu da Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako artasoroetan. Teosintea, teosintle nahuatl hizkuntzan, Zea familiako landarea da, artoaren senidea beraz. Rosa Binimelis (Castelló, 1979) ingurumen zientzietan doktorea da, eta azken urteotan teosinteaz ikertzen aritu da. Sastrakak lurralde ugari okupatu du, baina orain arte galderak erantzunak baino gehiago direla dio ikerlariak. Zer da teosintea eta zergatik da hain arriskutsua hedatzea? Artoaren arbaso basatia da. Mexiko eta Ertamerikan du jatorria eta han, oraindik ere, artasoroetan haztea ohikoa da. Espainiako Estatuan ordea ez; 2009an Aragoiko hainbat laborarik artoaren antzeko landarea atzeman zuten beren artasoroetan. 2014an teosintea zela baieztatu zuten Aragoi eta Kataluniako gobernuek. Mexikon ez bezala, teosinteak kalte ekonomiko handiak eragin ditu bi erkidego horietan. Ez dakigu zergatik, baina teosintea oso azkar zabaltzen ari da artasoroetan, eta horrek bi espezieen arteko hibridazioa sustatu du. Ondorioz, produkzioa nabarmen murriztu da hainbat eskualdetan. Zorionez hibridazioa teosintetik artora ematen da gehienbat, eta ez alderantziz, hau da, landare gehienak emankorrak dira oraindik. Gainera, orain arte ez da arto transgenikoarekiko nahasketarik eman. Gure landare endemiko bat gene transgenikoekin nahastea eta landare horrekiko kontrola galtzea oso arazo larria litzateke. Zeintzuk izan daitezke hibridazio horren ondorioak laborantzarako? Orain arte bi landareren arteko nahasketa gertatu da soilik. Baina nahastutako landare horiek teosinteareakin hibridatzeko zubia izan daitezke. Hau da, artasoroak kutsa ditzake, baita transgenikoak ere. Aragoi eta Kataluniako arto transgenikoa intsektizida izateko sortu da. Teosintearekin nahastuz gero, kontrolik gabe hedatzen ari den landare inbaditzailea sendotuko lizateke. Uste dugu teosintea ez dela arto transgenikoekin nahastu, baina ez da ikerketa seriorik egin. Teosinteak Amerikan jatorria izanda, nolaz iritsi da Atlantikoaren beste aldera? Egia esan, ez dakigu. Oso gutxi ikertu da teosinteaz, hemengoa Nikaragua, Guatemala edo Mexikoko espeziearen familiakoa ote den ere ez dakigu. Hainbat teoria dago. Hazi sorta baten bitartez iritsi zela diote batzuek. Hainbat nekazarik aitortu digute hazi-enpresa baten soroetan teosintea atzeman zutela. Hala izan balitz, arduragabekeria larria zatekeen, espezie inbaditzailea hedatzen lagunduko zuketelako. Dena den, enpresek beti ukatu dute eta ez dago frogatzeko modurik. Ba al dakizu zein den egoera Nafarroan? Narroari dagokionez ezjakintasuna da nagusi teosintearen inguruan. Espainiako Arto Hazi Ekoizleen Elkarteak ohar bat publikatu zuen Nafarroan teosintea hedatzen ari zela esanez. Horrez gain, guk ez dugu beste informaziorik jaso. Aragoin eta Katalunian ez bezala, Nafarroako Foru Gobernuak ez du sastraka horren jarraipenik egin, guk behintzat ez dugu aurkitu. Ez dakigu zein eskualdetan agertu den, ezta zenbat hektarea kaltetu duen ere. Nafarroako Gobernuaren ardura da nekazariei teosintearen berri ematea, haiek neurriak hartu ditzaten landarea ez barreiatzeko. Gobernuaren parte-hartzerik gabe nekez gelditu daiteke hedapena. Aragoiko Gobernuak hiru urterako debekatu du artoa landatzea teosinteak kaltetu dituen soroetan. 2009an agertu zen teosintea. Zergatik behar izan dute hain denbora luzea botere publikoek eta ekoizleek plagaren berri emateko? Gaztea denean, teosintea identifikatzea nahiko zaila da. Hasieran basartoa zela uste zuten. Teosintea Amerikako landarea denez, ekoizleek ez zuten espero hura hemen agertzea. Dena dela, galdera horri haiek erantzun beharko liokete. Teosintea kontrolik gabe zabaltzeko arriskua dagoela uste duzu? Iberiar penintsulan agertu den espeziea guztiz inbaditzailea da. Ikuspegi biologotik oso landare emankorra da, hazi gogorrak ematen ditu eta ekosistema mota bat baino gehiagora egokitzeko gaitasuna du. Egungo nekazaritza  intentsiboak, gainera, ez du laguntzen. Monolaborantza eta errotaziorik gabeko nekazaritza landare inbaditzaileen paradisua dira. Teosintea kontrolatzeko eraginkortasuna hartuko diren neurrien araberakoa izango da. Aragoiko hainbat eskualdetan artoa landatzea debekatu dutela aipatu duzu. Zer beste neurri har daiteke? Orain arte proposatutako hainbat neurrik pestizidekin dute zerikusia. Baina pestizidak ez dira irtenbiderik egokiena; hasteko, artasoroetan erabiltzeak pertsonen osasunerako izan ditzakeen ondorioengatik. Bestalde, jakin badakigu landare inbaditzaileek herbizidekiko erresistentzia garatu dezaketela. Soroen jarraipena funtsezkoa da. Teosintea lehen faseetan identifikatuko balitz, haren hedapena errazago mugatuko litzateke. Ekosistema heterogeneoak sustatzeak ere, hau da, kultibo ezberdinak landatzeak, teosintea ugaltzeko baldintzak murriztuko lituzke. Traktore eta makinen zainketa garrantzitsua da halaber. Nekazari eta abeltzainek maiz partekatzen dituzte makinak, eta modu horretan haziak soro batetik bestera barreiatzen dira. Ezinbestekoa da, beraz, instituzioen eta nekazarien parte-hartzea teosintea kontrolatu ahal izateko.
news
argia-0033bc390f18
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/01014000.html
01/01/4000
Edu Zelaieta Anta
2017-07-16 00:00:00
01/01/4000 Goian duzuen data, eta duzuen eran, da nik EHUrekin indarrean dudan kontratuaren epemuga. Data txundigarria mesedez egiaztatzeko eskatu diot saileko idazkariari, ikerketa-proiektu baterako bete beharreko paperak tarteko, datu ofizial hori jakin beharra baitaukat. Data horixe dela berretsi dit idazkariak; koiunturagatik-eta ez naizela bakarra kode hori duen langilea. Badaezpadako beste kontsulta bat egin eta ondoan, dataren datu miresgarria zuzena dela egiaztatu didate: unibertsitatearen sistemak ageri duenez, 4000. urteko urtarrilaren 1a arte da nire kontratuaren bukaera-data. Ikerketa-proiektu baterako paperak txukun bete behar baitira, zientzia akademikoa egiteko asmoz zientzia fikzioaren legea bete dut azkenean, eta data galaktikoa ezarri dut paper ofizialean.   Bitxiena, baina, ondotik etorri da. Hilezkor sentitzen hasi naiz orduan eta betiereko morroi ikusi dut neure burua, kontratuak dioena nahitaez betetzera kondenatua. Hala, aurretik nituen eskubideak galtzen joan naiz XXI. mendean barrena. Prekarietateak eragindako eldarnioei eusteko aski indarrik ez izaki eta, XXII. mendean sartu orduko, konortea ere galdu dut. Zorionez.
news
argia-025f366e7de6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/krisiak-oraindik-ez-du-hondoa-jo.html
Krisiak oraindik ez du hondoa jo
Juan Mari Arregi
2017-07-11 00:00:00
Krisiak oraindik ez du hondoa jo Agintari estatalak eta autonomikoak pozarren daude langabezia-tasa beherantz doalako, ekaineko datuen arabera. Zehazki, Hego Euskal Herrian %12,64 da tasa hori eta denera 167.207 langabetu zeuden hilabete horretan. Aurreko urtean baino 17.000 gutxiago. Baina esaten ez dutena da enpleguak behin-behinekoa eta prekarioa izaten segitzen duela. Ekainean sinaturiko 129.008 kontratuetatik ia denak, %93,5, behin-behinekoak izan dira; eta horietatik erdiek 30 egun baino gutxiagoko iraupena zuten. Badaude beste gertaera larri eta kezkagarri batzuk sumatzeko krisia hor dela oraindik. Joan den astean Hego Euskal Herrian industria instalazio garrantzitsuak dituzten hainbat markak plan lazgarriak iragarri zituzten euren kostuak, eta beraz lantaldeak, murrizteko. Etxetresna elektrikoak egiten dituen CNA taldeak, garai bateko Fagor erosi ondoren, 350 langile ditu Euskal Herrian eta aurre-konkurtsoa aurkeztu du, 100 milioi euroko zorrari aurre ezin eginik ordainketak eteteko. Hartzekodunek murrizketa horiek exijitzen dituzte eta bistan denez langile kopuruari eragingo dio egoerak. General Electric-ek Ortuellako bere filiala itxiko du, 147 lagun kalean utzi eta produkzioa India eta Txinara eramateko. Xey altzari enpresak ere 170 enplegu jarri ditu kinkan, Zumaiako lantegiaren itxiera iragarri baitu. Tubacex eta Tubos Reunidos, bestetik, birmoldaketa eta langile murrizketa betean aurkitzen dira… Zeinek dio krisiaren okerrena pasa dela? Egungo sistema kapitalistak eskaintzen diguna enplegu prekarioa eta behin-behinekoa da. Gazteek, testuinguru horretan, ez dute etorkizunik eta baldintzarik euren bizi-proiektuetan pentsatu ere egiteko. Migratzera behartuta daude. Handia da euskal botere publikoek duten ardura.
news
argia-ba8cb3665292
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/erdi-aroko-konstituzio-afrikarra.html
Erdi Aroko konstituzio afrikarra
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-07-16 00:00:00
Erdi Aroko konstituzio afrikarra Afrika, XII. mendea. Ghanako Inperioak gainbehera egin zuen almorabideen etengabeko inbasioen eraginez. Orduan, sossoen errege Sumanguru Kantek Ghanako hiriburu zaharra hartu zuen, botere hutsunea baliatuz. Eta lurraldeak konkistatzen jarraitu zuen Mandeneraino, mandingen lurralderaino. 1235ean Sundiata Keita mandingen printze erbesteratuak koalizio bat osatu zuen inguruko erresuma txikiekin sossoei aurre egiteko. Eta urte hartan bertan mandingek Koulikoroko gatazka irabazi eta Maliko Inperio boteretsua sortu zuten, Sundiata Keita mansa (enperadore) izendatuta. Garaipenaren ondoren, lurralde zabala antolatu eta lege-multzoa sortu behar zen. Hala, enperadorea eta jakintsuen kontseilua Kurukan Fugan bildu ziren 1236an Mandeneko Gutuna idazteko; munduko konstituzio zaharrenetakotzat jo daiteke. Hitzaurrea eta 44 artikulu dauzka gutunak eta besteak beste, aniztasunean oinarritutako bake soziala, hezkuntzarako eskubidea, elikadura segurtasuna, esklabotzaren abolizioa eta adierazpen askatasuna jasotzen ditu. Ziurrenik praktikan kontraesanak eragin zituen legeon aplikazioak; XVI. mendean inperioak gainbehera egin zuen arte, Maliko mansak munduko pertsonarik aberatsenetakotzat zeuzkaten eta hori ez da ondo ezkontzen berdintasunarekin. Hala ere, gutunak askoz berriagoak diruditen kontuak jasotzen ditu. "Pertsona guztiek dute bizitzeko eskubidea. Ez dago besteen gainetik dagoen pertsonarik". Eta emakumeak barne hartzen zituen baieztapen horrek: "Ez itzazu emakumeak iraindu, gure amak dira. Gure kudeaketa lan guztietan parte hartu behar dute". Baita esklaboak ere: "Hemendik aurrera inork ez dio hurkoari mozala ahoan jarriko merkatuan saltzeko. Esklabotzaren oinarria gaur bertan itzaliko da". Esan bezala, hezkuntza eskubidea jaso zuen testuak: "Haurren heziketa gizarte osoaren ardura da. Guztiok zuzendu eta zaindu behar ditugu haurrak". Eta adierazpen askatasuna ere bai: "Esan nahi duena esateari esker bizi da espiritua". Ingurumena hizpide zuten legeek halaber: "Basoak zaindu behar dira guztion zorionerako. Zuhaixka bati su eman aurretik, jaso burua eta begiratu zuhaitzen adaburuei". Dibortzioa legezkoa zen eta "ezkontideetako batek eskatuta" ematen zen. Eta lapurretaren kontzeptu interesgarria zuten: "Jateko beharra asetzea ez da lapurreta, gosea arintzeko behar adina soilik hartzen bada". Bitartean, Europan, mende mordoa falta zen giza eskubideen aldarrikapena "asmatzeko".
news
argia-b92660f223c2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/pop-librea.html
Pop librea
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-07-16 00:00:00
Pop librea Oso Fan taldeak bere lehen diskoa kaleratu du jadanik. Disko polita, gustura entzuten dena. Kantuetan pop kutsuko melodiak entzun daitezke, gozoak, eta folk ukituren bat ere antzeman daiteke. Doinu atseginak dira, eta malenkonia apur bat transmititzen dute. Kantuetan eguneroko kontu txikiez eta ez hain txikiez mintzo dira, zorroztasunez eta gatz pixka batekin. "Gaur berandutzen hasi da, zin dagizut bihar hasiko naizela agindutakoa egiten, dena ondo egiten", Gaur lehen singlean dioten moduan. Giorgio Bassmatti abeslari eta gitarrista donostiarra eta Oriol Flores Donostian bizi den bateria jotzaile katalana dira Oso Fan taldeko kideak. Giorgio Bassmattik bere ahotsa du, bere kantatzeko modua, leuna, apala, eta barruraino heltzen dena. Oriol Flores bateria jotzaile handia da eta ederki aritzen da kantuetan, melodiei erritmoa jartzen eta doinuak osatzen. Biak ala biak ez dira hasiberriak. Bassmattik lehenago Melodías concertantes (2014) eta Aproposito (2010) diskoak kaleratu ditu Jon Bidaurrekin, eta Kafea eta galletak (2009) diskoa ere egin du. Halaber, Donut taldearekin Allenesque Boutade (1996) EPa egin zuen. Donut taldean Jon Bidaurrekin berarekin eta Ivan Zabalegirekin (Lisabo, Nire) aritzen zen. Oriol Flores musika irakaslea da. Triz3ps, Sortuko dira besteak, Gozategi, Iker Lauroba, Charlie and the Colours, Amor de Tokyo, Izaro eta beste hainbat taldetan jo du, eta disko batzuk grabatu ditu talde horiekin. Oso Fan taldearen diskoa jendaurreko emanaldietan eta www.bassmatti.com webgunearen bidez soilik eskura daiteke. Berako MIK estudioan egin dute grabazioa, Xabier Erkiziarekin. Grabazioaz eta ekoizpenaz arduratu da Xabier Erkizia, eta diskoa osatzeko garaian beste bi lagun ere aritu dira: Arrate Garcia (koruak eta txindatak) eta Pilar Aguilar (azala). Oso Fan taldea bere ibilbidea egiten ari da, eta gero eta ezagunagoa da. 2016ko Gure Bazterrak musika taldeen lehiaketa irabazi zuen. Taldekideen hitzetan, saria pizgarri eder bat izan da musika egiten segitzeko: "Kriston ilusioa egin digu horrelako aipamena jasotzeak, gure pop librea egiten jarraitzeko". Hainbat emanaldi egin dituzte orain arte. Besteak beste, Bilboko eta Durangoko Kafe Antzokietan, Iruñeko La Zentral aretoan, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, Zarauzko Modelo aretoan, Urretxuko Kalegorrian musika zikloan, Japonian, eta aurrerantzean ere han eta hemen jotzen ikusiko ditugu.
news
argia-3245e748eecb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2562/aniztasuna.html
Aniztasuna
Eric Dicharry
2017-07-16 00:00:00
Aniztasuna Zein mundu utziko diegu ondorengo belaunaldiei? Mundua aberastasun eta pobretasunerantz doa? Gutxiengo baten aberastasunaren metaketa. Zortzi pertsonek planetaren biztanle erdiaren adina sosa dute, munduko 3.500.000 milioik adina, bioaniztasunaren (40 urte barne, ornodunen erdia baino gehiago desagertu dira) eta ama lurraren pobretzearekin batera doaz. 23.250 landare eta abere espezie desagertzeko zorian daude. Argitalpen zientifikoen begiradak bertigoa ematen digu. Hizkuntzen desagertzea espezien aniztasunaren pobretzearekin batera doa. Artikulu hau aniztasunaren aldeko manifestu hausnartua da. Aniztasun linguistikoa eta urrunago espezien aniztasuna aldarrikatzen ditu. Kultur eta izadi aniztasuna. Bai, beste mundu bat eraiki daiteke. Ez da utopia, gizakien esentziarekin bat egiten baitu. Utopiak ez dira hilko, ad infinitum iraunkorrak baitira. Beste mundu bat eraikitzeko, inguruan dugun munduko errealitatearen kontzientzia agerian eman behar dugu. Gelditzen zaigun denbora baliatuz, ekintza konkretuak hausnartuz eta geure indarrak batuz mundua alda dezakegu. Joan den astean, Azkainen ditudan AEK-ko ikasleekin karrikak bisitatzera joan ginen, azken klase gisara. Argazki ibilbidearen antolatzaileek argazki bakoitzaren ondoan, argazkiak argitzeko kartelak edota paperak ezarri zituzten. Argazkien ondoan, paper zurietan testu laburrak agertzen ziren sortzaileen ikuspuntuak azaltzeko.Testu guztiak frantsesez idatziak ziren. Beste behin iruditu zitzaidan euskara baztertua kanporatua zapaldua minorizatua zela. Paperen aitzinean galdera hauek etorri zitzaizkidan bururat. Zer kostatzen zaie euskaraz idaztea? Antolatzaileek ez dute inor topatu testu labur horiek euskaratzeko? Hain zaila da horrelako testuak euskaratzea? Beharko al dute diru publikorik zeregin xume hori egiteko? Hizkuntz kontu hori haien burutik pasatu zen edo hain ebidente zelako frantses hutsez egitea, ez dute beste hizkuntzez pentsatu ere? Zer-nolako arrapostua eman behar diegu horrelako ekintza kulturalei? Paperak ken? Paperak erre? Paperak margotu geure ezadostasuna erakusteko? Paperak artistikoki birpentsatu? Eta zer-nolako inpaktua ukanen dute emanen dizkiegun arrapostuek? Arrapostuek geure izateko era, geure nortasuna eta garena islatuko dizkigute. Aniztasuna geure egunerokotasunetik desagertzen ari da eta arrapostua ez badugu ekintza bortitzetan ematen, ekintza zuzena den lengoaiaren ahozkotasunean atzeman beharko da. Itzulia bukatzean, hauxe pentsatu nuen: izan ginenaren  sustraietarat ez bagara joaten, geure mamuen mamuak bilakatuko gara. Zeren eta ez bagara izan ginena, baita ingurumenak erakusten diguna ere, nor gara gu? Frantses hutsez den papera?
news
argia-274357058444
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/eredu-sindikala-birpentsatu.html
Eredu sindikala birpentsatu
Juan Mari Arregi
2015-05-10 00:00:00
Eredu sindikala birpentsatu Joan den astean maiatzaren lehena ospatu da mundu osoan. 1886an Chicagon gertaturiko sarraskia gogoratzen da data horretan; zortzi orduko lan eguna aldarrikatzeko greba egiten ari zirela, sei langile hil zituzten. Ordutik, sindikalgintza garatuz joan da gaur egun arte. Eta garapen horretan, Europako sindikalgintzak hainbat etapa izan ditu. Batzuetan, langileen defentsarako eta aldarrikapenerako erakunde baino, euren afiliatuentzako zerbitzu burokratiko huts bihurtu da. Patronal eta Gobernuarekin egindako itun eta trukeen ondoren, kasu askotan badirudi klase borrokatik urrundu dela, hau jada existituko ez balitz moduan. Baina klase borrokak jarraitzen du, beste modu batzuetara, hor dago, beti bezain gordin eta krudel. Testuinguru horretan, sindikalismoak ongi egingo luke klase borroka horretan presentzia izateko modu berriak birpentsatuko balitu. Ondo antzeman behar du non dagoen gaur langile subjektua eta non patronala, baita zein paper jokatzen duten gobernuek azken honen zerbitzura. Langilea gaur egun fabriketatik harago dagoen moduan –eta emakumeak langileria horretan paper oso garrantzitsua betetzen du–, patronala eta kapitala lausoago ageri zaigu, egoitzarik ez duten eta haien arduradunak ere ezagutzen ez ditugun finantza sozietateen bidez. Klase borroka finantza instituzioetan ere egin behar da, baita multinazionalen zerbitzura egindako hitzarmen handiak gestionatzen dituzten nazioarteko erakundeetan ere. Nazioarteko borrokak eta elkartasunak garrantzi handia dute eta egungo sindikalgintzak ez luke hori ahaztu behar, landu eta indartu egin beharko luke. Euskal Herrian, subiranotasun politikorik ez edukitzea beste faktore bat da klase borroka horretan, eta sindikalgintza abertzaleak erantzun globala eman beharko lioke. Gaur egun ez da estrategia politiko bakar bat konpartitzen eta horrek sindikatuen ekintza batasuna eragozten du. Ondo legoke iragana atzean utzi eta orainari eta geroari erantzunak ematen hastea. Horretarako, beharrezkoa da eredu sindikala birpentsatzea.
news
argia-f86e88b29d70
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/inaki-iurrebaso.html
"Udalerri euskaldunak gaur egun ez dira hain euskaldunak"
Onintza Irureta Azkune
2015-05-10 00:00:00
"Udalerri euskaldunak gaur egun ez dira hain euskaldunak" UEMAk eskatuta, Soziolinguistika Klusterrarekin egin du ikerketa lana Iñaki Iurrebaso soziologoak. Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoa EAEn, 1981-2011 du izena azterketak. Euskalgintzak antzemanda zuen joera baieztatu baino ez da egin ikerketan, udalerri euskaldunak erdalduntzen ari dira, eta azken hamarkadan azkarrago. Ikerketa lan honetan euskararen bilakaera neurtzeko hiru aldagai hartu dira kontuan. Hautu metodologikoak baditu bere mugak. Erroldetan euskararekin lotutako hiru gai lantzen dira: hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza, eta etxeko erabilera. Hiru aldagaiak oso garrantzitsuak dira, ez dira pitokeriak, baina ez dira aldagai bakarrak: lan mundua, hedabideen kontsumoa, hezkuntza… informazio hori ez dago. Beraz, argazkia ez da oso-osoa. Zein dira ikerketa gai diren udalerri euskaldunak? 126 udalerri dira, EAEko udalerrien erdiak. Herriotan 335.000 biztanle bizi dira, EAEko herritarren %15. Datu hori inportantea da, herritarren %85 gainerako herrietan bizi da. Udalerri euskaldunak diogunean UEMAren irizpidea ari gara kontuan hartzen, alegia, udalerriotan euskararen indizeak %70 gainditzen du. Indizea honela kalkulatzen da: herri horretako euskaldunen ehunekoa gehi ia euskaldunen erdiak. Ia euskaldun deitzen zaie ulertu bai baina hitz egiteko gai ez diren hiztunei. Praktikan, euskaldunak %60tik gora dituzten udalerriak ditugu multzo horretan, horiei deitu diegu, UEMAren irizpideari jarraituz, "udalerri euskaldun". Zein da ezaugarri demografiko azpimarragarria? Txikitasuna. Azken urteetan, oso modan dago euskara modernitatearekin, hiritar izaerarekin lotzea. Egia da hortik bide luzea egin dela, baina oraindik ere batez beste euskara herri txikietan handietan baino askoz indartsuago dago. Udalerri euskaldun bezala definitu ez ditugun horietako biztanleen bi herenak herri handietan edo hiriburuetan bizi dira, 25.000 biztanletik gorako herrietan. Aldiz, udalerri euskaldunetan ez dago herri bakarra 25.000 biztanlera iristen denik. Bi mundu dira. Orain dela 30 urte, seguru asko desoreka handiagoa izango zen, baina oraindik horrela da. Zerk eman dizu arreta? Udalerri euskaldunak multzoan hartzen baldin baditugu, alegia, Errezildik Tolosara denak batera, nolabait esateko, argazkiak erakutsiko digu elebitasunetik gertuago daudela euskaldun purutasunetik baino. Herri horietan euskaldunak %72 dira, gazteleradunak %90etik gora izango dira, baina ez daukagu daturik, erroldetan ez baita gaztelaniaren ezagutzari buruz galdetzen. Gaitasunari dagokionez, euskaldun elebakarrak ia desagertuta, herri horiek ez daukate garai bateko euskalduntasun maila. Etxeko erabilerari dagokionez, gehiago dira etxean gaztelania baino euskara erabiltzen dutenak, baina nahiko parekatuta: %47 euskaraz nagusiki eta %37 gaztelaniaz nagusiki. Udalerri euskaldun deitzen diegu, besteak beste izendapen hori eman zaielako, baina errealitate soziolinguistikoak gehiago du elebitasun orekatu xamar batetik. Elebitasun soziala Euskal Herrian nonbait egotekotan herri horietan dago. Jende gehienak dakizki bi hizkuntzak, bi hizkuntzak erabiltzen dira. Hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera aztertu dituzu. Zein da ondorioa? Hiru aldagaietan ikusten dena funtsean bat dator. Gaitasuna hartzen badugu, EAEn azken 30 urteotan euskaraz hitz egiteko gai direnen kopuruak gora egin du nabarmen, baina udalerri euskaldunetan lehenengo fasean (1981-1991) pixka bat gora egin zuen, 1991-2001 artean hortxe mantendu zen, eta azkeneko hamarkadan behera egin du. Duela hamar urte baino euskaldun gutxiago dago herri horietan. Zer gertatu da lehen hizkuntzarekin eta etxeko erabilerarekin? Bi grafikoak oso berdintsuak dira [ikus hurrengo orrialdean]. Lehen hizkuntzari buruzko datu orokorrak kontuan hartuz, eta EAEri dagokionez, beherakada txiki bat dago. Udalerri euskaldunetan, lehen hizkuntza euskara dutenen kopuruaren beherakada batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da, gehienbat azken hamarkadan. Harrigarriena etxeko hizkuntzarena izan da, udalerri euskaldunetan kuantitatiboki hartu duen joera. 2001etik 2011ra nagusitu den errealitate soziolinguistikoak –erdara geroz eta gehiago etxeetan eta euskara geroz eta gutxiago– erritmo berean segituko balu 30 urtez, konturatzerako gurutzatu egingo lirateke, eta hemendik 40 urtera non kokatuko litzateke? Ez dut uste hori gertatuko denik, besteak beste, neurriak hartuko direla pentsatu nahi dudalako. Serio hartzeko errealitatea iruditzen zait. Nola azal daiteke etxeko erabilera horrela jaistea? Gu ez gara azalpenetan sartu, ez dugu hori ikertu. Botako ditudan ideia guztiak hipotesiak dira. Pertsonen fluxuari lotutako faktoreak begiratzen baditugu, bertako hainbat jende kanpora joan da bizitzera eta kanpoko jendea bertara etorri da. Joan diren ia denak euskaldun osoak dira eta etorri diren horietako batzuk ez dira euskaldunak, edo euskaldunak izanda ere gutxiago erabiltzen dute euskara. Zeintzuk etorri dira kanpotik? Familia osoak batetik, eta bikotekideak bestetik. Herri txikietako etxebizitza eskaintzak erakarri ditu nagusiki kanpoko familia asko. Bikotekideen kasuan, nahiz eta pertsona bakarra izan, etxeko hizkuntza ohiturak alda ditzake familia euskaldunera kide erdalduna etortzen denean. Estatistiketan euskaraz ez dakien pertsona bat da, baina etxean euskaratik gaztelaniara igarotzea eragin dezake. Etxean bezala, lagunartean eta inguru zabalagoan eragin dezake. Herri txikietan, gure adinekoen guraso eta aiton-amonak herri bertako edo gehienez ondoko bailarakoekin ezkontzen ziren. Gure belaunaldian ez da arraroa bikotekidea urrutiago bilatzea… eta linguistikoki perfil desberdinak dituzte. Jendearen fluxuek eragindako aldaketak dira horiek denak. Beste kontu bat da bertako etxeetan berez zein aldaketa gertatu diren. Adibidez, hedabideen kontsumoa euskararen ikuspegitik. Zarautzen egin genuen ikerketa duela bederatzi urte. Elebidunak %71 ziren, euskararen kaleko erabilera %66, etxeko erabilera %48, eta euskararen erabilera telebista ikusterakoan %20. Prentsa irakurketa euskaraz %20, eta Hitza sortuta zegoen. Hedabideen kontsumoan agertzen zen, beraz, euskararen erabilera ahulen. Herri euskaldunetako etxeetan gertatzen ari den bilakaerarekin zerikusirik ba al du horrek? Baietz esango nuke. Duela 40-50 urte ia telebistarik ez zen, eta gaur egun lau ordu pasatzen dira telebistaren aurrean batez beste. Erdara sartzen da gure etxean eta gure bizitzetan. Hedabideena ez da txikikeria. Lanlekuak ere eragingo du. Gero eta urrutiago joaten gara lanera, eta herri euskaldunen kasuan, lantoki erdaldunetara geroz eta gehiago joatea esan nahi du horrek askotan. Euskarari hobekien eusten dioten herrien isolamendu maila aipagarria da. Ikerketako datuetan antzeman daiteke: euskara indartsuen dagoen udalerriak toki isolatu samarrak dira. Zer esan nahi duzu isolatuak diozunean? [Mapa zabaldu du mahai gainean]. Hemen N1 errepidea dago. Hemen Bilbo-Donostia autopista. Hemen trenbidea. Ez dugu sistematikoki aztertu, baina 1981ean, herri mordoxka zeuden euskaldunen portzentajea %90etik gorakoa zutenak, tartean: Lizartza, Gamiz-Fika, Maruri-Jatabe… Azken bi hamarkadetan euskalduntasun maila hori galdu dute herri horietako gehien-gehienek eta eusten dioten herriak azkeneko puntan daude, garraiobide nagusietatik aparte samar: Baliarrain, Orexa, Amoroto, Abaltzisketa, Beizama, Gaztelu, Gaintza, Albiztur, Amezketa, Aulesti… horietan eusten zaio ondo. Gune urbano nagusietatik gertuago daudenetan, ordea, galerak handiagoak izan dira. Muturreko habitatak desagertze bidean dira. Hau da, udalerri erabat euskaldunak gero eta gutxiago daude, eta alderantziz, udalerri zeharo erdaldunik jada ez da geratzen. Bilakaera logikoa al da? Logikoa logikoa…   Agian ez da harrigarria? Ez da harrigarria. Udalerri erdaldunetan euskaraz hitz egiteko gai diren herritar kopuruak gora egin izana eta erabilerak pixka bat gora egin izana logika baten barruan sartzen da. Ikaragarrizko ahalegina egin da azken hamarkadetan, gehienbat haurren irakaskuntzan, eta emaitzak eman ditu. Herri euskaldunetan atzera egiteak ere logika badu. Lehen esan ditugunak faktore indartsuak dira, eta horiei aurre egiteko politikak martxan jartzen ez badira normala da emaitza. Faktore konplexuak dira, urbanizazio eredua, bikoteak eratzeko ohiturak, lantokiak gero eta urrutiago… Horietan eragin al daiteke? Kasu batzuetan bai, eta horretarako bideak asmatu beharko dira, baina ez dira txikikeriak.   Erdalduntzen ari diren gune euskaldunak eredu ditugu. Garbi utzi behar dugu datuek erakusten dutena: galera bereziki handia da udalerri euskaldunenetan, arnasguneetan. Oro har, zenbat eta udalerri euskaldunagoa, orduan eta handiagoa izan da atzerakada. Beste muturrean, zenbat eta jatorriz erdaldunagoa izan herri eta hiriak, orduan eta gehiago aurreratu du euskarak. Arretaz begiratzeko errealitatea da. Gasteizen edo Bilbon 100, 1.000 edo 100.000 euskaldun gehiago, oso ondo, bikain. Baina euskararen osasunerako kritikoa da gune euskaldunenean gertatzen dena. Mikel Zalbidek esana du, "euskararentzat benetako lehentasuna behar du izan arnasgune hauei eusteak". Udalerri euskaldunak gaur egun ez dira hain euskaldunak: etxeetan ere erdarak pisu handia du, euskaraz %72k daki, baina erdaraz dakitenak ez dira hori baino gutxiago. Azken bi hamarkadetan atzera egin du euskarak eta azken hamarkadan aurrekoetan baino gehiago.   Abiadura hartu du, orduan? Bai. Seguru asko bi gauza gertatu dira. Batetik, etorkin berrien fenomenoa, eta bestetik, nagusiki, urbanismo ereduak. Hipotesiak baino ez dira. Orain arte gune erdaldunetan jarri da indar berezia. Orain bestelako egoera batean ote gaude? Gune euskaldunetan eragiteko ordua ez al da? Nik uste dut baietz. Alde guztietako jendeari entzuten diozu horrelako gauzak esaten. Ez da behar bezainbesteko arreta jarri udalerri euskaldunenetan zer gertatzen ari den aztertzeko. Buelta ematea ez da hain erraza izango, azpian dauden joerak ez dira pitokeriak, baina hori orekatu dezakeen politika eraginkorrago bat egiteak ez dirudi hain zaila. Agian gehiegi esan dut, baina baliabideak behintzat jar daitezke. Baliabideei dagokionez, ez da gauza bera Bilbo Handia euskalduntzea edo Lea Artibairi eta Urola Kostari eusteko baliabideak jartzea. Kanpoko faktoreetan ere eragin behar da, jakina. Baina hizkuntza politikaren betiko bideak ere erabili daitezke. Adibidez, herri txiki euskaldun batean euskaraz aritzen den guraso taldeari guraso erdalduna  gehitu bazaio, ordaindu euskaltegia lehenbailehen pertsona horri. Gasteizko funtzionarioa liberatzen bada euskara ikasteko, ez al da hori bezain inportantea ingurua erdaldundu baino lehen guraso hori euskalduntzea? Beharbada esan berri dudana okurrentzia bat da, baina uste dut badagoela betiko bideak erabilita eragiteko tartea.
news
argia-807c0ef81390
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2460/nubiarrak.html
Egiptoko gutxiengo ahaztua
Ane Irazabal
2015-05-10 00:00:00
Egiptoko gutxiengo ahaztua Nilo ibaiaren seme-alaba zaharrenak dira, baina haien lurretatik bota zituzten modernitatearen izenean. Nubiarrek aspalditik aldarrikatzen dute sorlekura itzultzeko eskubidea. Egiptoko Konstituzio berriak eskubide hori aitortu eta kalte-ordainak finkatu ditu. "Leku-aldatze behartuak oso traumatikoak dira. Egun batetik bestera, bizitza guztia maletan sartu, eta atzera begiratu gabe berriz hastera derrigortzen zaituzte. Bihotza betiko urratzen da, sustraiari enborra mozten diotenean bezala". Mohy Eddin olerkariak hala erantzuten du nubiar izaerari buruz galdetzen diotenean. Mende erdi pasa da Eddin eta bere familiak haien lurrak utzi behar izan zituztenetik eta halere, ez da Kairora ohitu: "Nekazariak eta arrantzaleak ginen, Nilo ibaia zen gure iturburua, baina Asuango presak pikutara bota zuen guztia", azaldu du. Eddinena ez da adibide bakarra. XX. mendean zehar milaka nubiarrek haien herrixkak hustu zituzten urak dena estali baino lehen. Izan ere, hegoaldeko Egipto eta iparraldeko Sudan artean dagoen Nubia eskualdea Nasser lakuak urperatu zuen. "Gure arbasoen lurrak, historia eta ondare arkitektonikoa ur azpian geratu ziren", adierazi du Mohamed Hussein historialari nubiarrak. Hussein Kairon sortu zen, baina familia jatorriz Qasr Ibrim hirikoa da. Gotorleku horrek ezin hobeki azaltzen du nubiarren parabola. Hiriaren goialdea uholde handitik salbatu bazen ere, irla mamu bilakatu zen aintziraren erdian. Presaren biktimak Nubia edo Nuba hitzak urrearen lurraldea esan nahi du eta ez da kasualitatea. Hegoaldeko indigenek urrez jantzitako tenplu eta piramide dotoreak eraiki zituzten mende luzez. Merkatariak, nekazariak eta arrantzaleak ziren gehienak eta arabieraren aurreko hizkuntza nubiarrak hitz egiten zituzten. Gainbehera, baina, XX. mende hasieran abiatu zen. Niloren urtaroko ur-goraldiak kontrolatzeko eta argindarra sortzeko aburuz, Asuan inguruan bi presa eraikitzeko proiektuak jarri zituzten martxan Kairoko agintariek. Ezagunena, zalantzarik gabe, Gamal Abdel Nasser jeneralak asmaturiko Presa Handia da. 1960-70 artean eraiki zen proiektu faraoniko horrek aintzira artifizial baten jaiotza bultzatu zuen Asuan hegoaldean. Dezente hitz egin da presa handiak ekarri zituen onura ekonomikoen inguruan, baina inor gutxi mintzo da nubiarrek pairatu zituzten ondorioez. Izan ere, 45 herrixka ur azpian geratu ziren eta 100.000 herritar lekuz aldatzera derrigortu zituzten. Sudango nubiarrak Wadi Halfa eremura joan ziren eta egiptoarrak Nubia Berria izeneko kokalekuan ezarri zituzten. Haatik, askok eta askok hiri industrialetara alde egin zuten. Husseinen hitzak baliatuz, "Nasserrek esan zigun heroiak ginela eta paradisua merezi genuela. Baina zer jaso genuen trukean? Desertuaren erdian eraikitako herrixka artifizialak". Leku-aldatze behartuak, gainera, nubiar identitatearen asimilazio prozesua ekarri zuen. "Nasserismoak egiptoar guztiak ekarri zituen panarabismora. Gutxiengoek ez zuten tokirik nazio arabiar bat sortzeko proiektuan. Nire aita Nasserren jarraitzaile sutsua zen, eta askotan esan ohi zigun nubiarren banaketa gure onerako zela. Hipnosi nazionalistan bizi ginen", gogoratu du Husseinek. Itzultzeko eskubidea Geroztik, nubiarrak bigarren mailako herritarrak izan dira egiptoarrentzat eta estereotipo zein aurreiritzi anitzei aurre egin behar izan diete. "Hedabideek eta zinemak erantzukizun handia daukate nubiarren inguruan ematen den irudi desitxuratuan. Morroi ezjakinak bagina bezala aurkezten gaituzte eta askok sudandarrak garela diote mespretxuz", nabarmendu du Manal El-Teiby ekintzaileak. Baina erbestealdiak ez du lortu diaspora bere sustraietatik urruntzea. Egipto zabalean ehunka elkarte eta kulturetxe sortu dira nubiar hizkuntza, kultura, dantzak eta ohiturak mantentzeko. Eddinek, adibidez, poesia irakasten die gazteei: "Nubia historikoan hitz egiten ziren hizkuntza guztien informazioa biltzen ari naiz eta Egiptoko nubieran idazten dut". Tunika zuria eta durbante tipikoa daramatza soinean, baina haserretu egiten da argazki bat eskatzen baldin badiote: "Hau ez da inauterietako mozorroa. Nire nortasuna islatzen du. Ez nintzateke eroso sentituko galtzak eta alkandora jantziko banitu". Harrigarriena gazte nubiarren mobilizazio gaitasuna da. Izan ere, gehienek alde egindakoen hirugarren belaunaldia osatzen dute. Ahmed Naiem ekintzaileak Nubiako Gazteen Batzorde Demokratikoa izeneko mugimendua sortu du. Haren iritziz, "nubiarren auzia arazo politikoa da eta beraz, irtenbide politikoa eman behar zaio". Nubiako mugimendu politikoek honako aldarrikapenak defendatzen dituzte: leku aldatuak izan zirenen ondorengoek Nasser aintziraren inguruko lurretara itzultzeko eskubidea izatea, hizkuntza eta historia nubiarra mantentzeko hezkuntza programa bat abian jartzea eta nubiar kultura Egiptoko ondaretzat jotzea. "Asuango eskoletan debekatuta dago nubiera irakastea, eta hori onartezina da. Zaharrak hiltzen ari dira eta gazte gehienek ez dute hizkuntza ulertzen. Nubiera desagertuko den beldur gara", dio El-Teibyk. Edonola ere, urte askotako borrokaren ondotik Egiptok lehen garaipena aitortu die nubiarrei. 2014an onarturiko konstituzio berriak aintziraren ertzeko lurretara bueltatzeko eskubidea onartu du eta kalte-ordainak finkatu ditu. El-Teiby konstituzioa idazteaz arduratu den batzorde nagusiko kidea da eta pozik sumatu dugu: "Lan gogorra izan da nubiarren funtsezko aldarrikapen hori aitortzea. Egiptoarrak oso nazionalistak dira eta kostatu egin zaie herrialdearen izaera kultur anitza onartzea". Eskubide hori praktikara eramatea zaila izango da, ordea. Abdel Fatta Al-Sisiren gobernuak 45 herrixka nubiar eraikiko dituela esan du, baina erregimen militarraren barruan banaketa handia dago. El-Teibyren iritziz, borondate politikoa falta da nubiar auzia errotik konpontzeko: "Arazoa ez da konponduko konstituzioan idazteagatik. Orain datorkigu zailena. Gobernuak zin egin digu aintziraren inguruak garatzeko plan estrategiko bat hasiko duela, baina ez ditu nubiarren eskaerak entzun nahi". Alderdirik latzenetakoa demografia da, 1960ko hamarkadatik ez baita erroldarik egin Egipton bizi diren nubiarren kopurua ezagutzeko. Barne bereizketa Egiptoko botere faktikoek ere ez dute lagundu arazoa konpontzen. El-Teibyk hedabideak kontrolatzen dituzten enpresariei egozten die ardura: "Traidoretzat jo gaituzte gure eskubideen onarpena aldarrikatzeagatik. Egiptoko segurtasunarentzat mehatxua garela esan ohi dute", adierazi du. Naiemek ere antzeko salaketak entzun behar izan ditu: "Izaera politikoa eskuratu dugunetik gure komunitatea kriminalizatzen hasi dira, Egiptoko nazioa banatu nahi dugula eta atzerriko herrialdeek finantzatzen gaituztela esanez". Ismail Iskandarani ikerlariaren aburuz, nubiarren kontrako kanpainak ez dira espontaneoak eta interes militarrei erantzuten diete. "Egiptoko armadak ez ditu aintziraren inguruko lurrak eman nahi, horregatik, ezegonkortasunaren mamua astintzen hasi dira. Militarrek zabaldu nahi duten mezua da nubiarrak haien lurretara itzultzen badira Sudango anaien ondora bueltatuko direla eta bloke etniko bat osatuko dutela", irizten dio ikerlariak. Halarik ere, etsaia etxean daukate nubiarrek. "Gure borroka ez da batere erromantikoa. Komunitateak gerra irekia bizi du elite ekonomiko zaharraren eta mugimendu berrien artean", uste du Naiemek. Gazte ekintzaileari ardura puntu bat antzematen zaio: "Nubiako enpresari eta lider politiko gehienek ez dute arazoa konpondu nahi. Aintziraren ertza turistikoki garatzeko jardunetan ari dira, gure onerako jokatzen dutela dioten bitartean. Poltsikoak agintzen du beste behin". Nubiarra gizarte klasista da gainera. El-Teibyk ez du arazorik errealitate hori onartzeko: "Azalaren koloreak klase soziala markatzen du gehienetan. Nubiarrak oso desberdinak gara; batzuk beltzak dira, beste batzuk zuriagoak, eta kategoriak sortu dira". Izan ere, Nubia islamizatzera joan ziren misio militar atzerritarrek begi urdineko eta azal argiko ondorengoak utzi zituzten. Eta koshaf bezala ezagutzen diren nubiar horiek elitetzat jo dira luzaroan. "Zoritxarrez, gure artean dagoen barne gatazka kezkagarriagoa da gobernu zentralarekin daukagun ika-mika baino", erantsi du. Nolanahi ere, El-Teiby, Naiem, Hussein eta beste milaka nubiar ez daude amore emateko prest. "Egoerak gaindituko nauela uste dudan bakoitzean, nire amonaren hitzak etortzen zaizkit burura", gogoratu du Naiemek: "'Itzul zaitez aintzirara eta ohora itzazu gure arbasoak', esaten zidan, nubiera hutsean".
news