id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-b97f1f90a40d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/shakespearek-baleki.html | Shakespearek baleki | Xabier Letona | 2015-03-15 00:00:00 | Shakespearek baleki
Osasunako armarria marraztu du haur txikiak paperean eta aitonari eman dio. Ohartu ere ez da egin txikia eta beste zerbait marraztera jo du, baina hunkitu egin da aitona. Urte asko pilatuak gainean eta denetako esperientziak sorbaldan, tartean futbol talde maitatuaren ibilbidea. Eta orain hau. Nola irentsi?
Nafarroako herritar asko ezin sinetsirik jarraitzen ari da Osasunarekin gertatzen ari den guztia, nahiz eta denek dakiten "futbol partiduak sagar eta letxugak bezala salerosten" direla. Aurretik CANeko guztia iragan da, Caixabanken esku geratzea, dieten aferak, Goicoechea sailburuaren afera, Osasunari CANek emandako 55 milioiko mailegu mamua…
Ilunguneak bata bestearen atzean datoz, baina honek bereziki ukitu du herritarra. Nahi ala ez, Osasuna Osasuna da. Horregatik, herritar askok ez zuen ulertu nola Nafarroako Legebiltzarreko oposizioak (Bildu, Aralar, Geroa Bai eta Ezkerrak) ez zuen onartu futbol talde maitea erreskatatzea iragan azaroaren hondarrean Osasuna Legea onartu zenean. Diario de Navarra k ere argi luzatu zuen berea: begira, abertzaleak dira Osasuna salbatu nahi ez dutenak.
Beste herritar askok bai, ordea, Osasuna zalea izan ala ez, berriz ere argi zegoelako UPN, PSN eta PPNk azken hamarkadatan Nafarroan moztu duten enborraren ezpal berri bat zekartela besapean. Osasunak Nafarroako Ogasunarekin zuen 53 milioi euroko zorra kitatu zuen bere futbol egoitzen truke, funtsean Sadar futbol zelaiaren truke. Etikoki baziren eragozpenak: zergatik Osasunari bai, eta beste enpresa txiki eta ertain askori ez? Zergatik bai hainbeste diru mugitzen duen futbol profesionalaren munduan eta ez etxebizitzen hipotekengatik kaltetutakoekin? Zergatik ez desagertu den Itxako eskubaloi taldearekin edo beste kirol talde batzuekin?
Legezko zentzuzko arazoak jarri zituen oposizioak mahai gainean: egin dadila legearen ikerketa juridikoa berau onartu aurretik eta Osasunako kontuei buruzko auditoria bat. Azkenean, auditoriarena onartu zen PSNren eskariz, baina Legea onartu ondoren egiteko. Espainiako Futbol Profesionalak egindako auditoria lehertu da lehenago eta, beste behin ere, ipurdia airean utzi ditu UPN, PSN eta PPN: Osasunako zuzendari ohi bat eta zuzendaritzako beste kide ohi bat espetxean –Miguel Archanco eta Txuma Peralta– eta lau inputatu, 2,4 milioi euro atzera aurrera ibiltzeagatik justifikaziorik gabe, ustez partiduen salerosketarako.
Zer zekien Nafarroako Gobernuak azken hamairu urteetan Osasunan gertatzen ari zen guztiaz? Asko jakiteko tresneria bazuen behintzat, beste gauza bat da nora begiratzen zuen, azken finean edozeren gainetik Nafarroak ere bere taldea lehen mailan izatea baitzen garrantzitsuena. "Lehen mailan duintasunez egotea", esaten zuen Miguel Sanz lehendakari ohiak. Yolanda Barcinak ere ez zuen saltzeko Osasunako zuzendaritza, honakoak esan zituen Patxi Izcori buruz 2012ko apirilean honek zuzendari izatea utziko zuela iragarri zuenean: "zuzendari bikaina izan da", "lan handia egin du eta espero dut asmatuko zuela [uzteko erabakiarekin]". 75 milioiko zorra zuen Osasunak eta horietatik 53 Nafarroako Ogasunarekin: gorritxoen zuzendaritzak berak jarritako prezioan kitatu diote UPNk, PSNk eta PPNk.
Isiltasuna da nagusi Nafarroako eskuinean. Eta beldurra. Diario de Navarra ere isilik, baina Osasuna Legea, UPN edota Nafarroako Gobernua ahalik eta gutxien aipatuz. Galdera nagusietakoa zera izan liteke orain: UPNk Osasuna Legea atera zuen aurrera horrekin egoera salbatu eta dena alfonbrapean geratuko zelakoan?
Erantzuna airean da, baina edozein eratan 24 urtez Osasunan gerente lanetan aritutako Angel Vizcayren bazokadak Sadar inguru osoa birrintzen ari dira. Zergatik orain? Batek daki galdera argituko den, baina izerdi hotza dario askori. Ez dakit Shakespearek "Egunen batean Nafarroak mundua harrituko du" ospetsua egiazki bota zuen ala ez, baina egia izateko bidean da esaldia. Eta nola gainera! | news |
argia-b4bbd579dd64 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/heriotza-zigorra-hildakoentzat.html | Heriotza zigorra hildakoentzat | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-03-15 00:00:00 | Heriotza zigorra hildakoentzat
Erroma, 896. Formoso I.a aita santua hil zen modu susmagarrian, zantzu guztien arabera Spoletotarrek, Italiako noble familia boteretsuenetakoak, pozoituta. Formoso traidoretzat zuten Guido di Spoleto Italiako tronutik egoztea lortu zuelako. San Pedroren jarlekuan Bonifazio VI.a eseri zen orduan, baina ez luzaroan. Garai nahasiak ziren Vatikanoan, mende eskasean 24 aita santu izendatu zituzten eta intrigak, konspirazioak, hilketak... ziren eguneroko ogia. Ondoren, Esteban VI.a izendatu zuten aita santu –hark ere ez zuen urtea beteko karguan– eta Lamberto di Spoletoren alde lerratu zen berehala. Spoletok Formosoren traizioa kondenatzeko eskatu zion aita santu berriari.
Eta, hala, 897. urte hasieran, Erromako kuria guztia bilduta, sinodo berezia antolatu zuten Formoso epaitzeko. Gorpua hilobitik atera eta, aita santuaren jantzi guztiak soinean, tronuan eseri zuten. Abokatua izateko aukera eta guzti eman zioten, baina hildakoa erruduntzat jo zuten berdin. Urbi et orbi bedeinkapena emateko erabiltzen diren hiru hatzak moztu zizkioten eta gorpua Erromako kaleetan herrestan eraman zuten. Ondoren, gorpua erre eta Tiberrera bota zuten.
Arrantzale batek erreskatatu zuen Formosoren gorpua, eta Juan IX.ak haren irudia.
Rikardo III.a Ingalaterrakoa, Vlad Tepes Valakiako printzea –Drakularen inspirazio iturria– eta Benito Mussolini ere hil ondoren berriro hil zituzten.
XVI. eta XVIII. mendeen artean Herbehereetako borreroak oso lanpetuta ibili ziren, deliturik txikienagatik kondenatutakoak ere urkamendira eramateko joera zabaldu baitzen. Europa ia osoa hartu zuen asaldura erreformistaren ondoren, Herbehereetako eliza erreformatuarentzat suizidioa delitu larrienetakoa zen, deabruaren tentaldian erori izana adierazten baitzuen. Eta, jakina, beren buruaz beste egin zutenei heriotza zigorra ezartzen zieten.
Garaiko kronika batek dioenez, 1668ko ekainaren 23an gizon batek emazteari dirua eskatu zion pattarra erosteko. Emaztearen ezezkoa jasota, senarrak esan zion: "Deabruak eraman nazala nire burua urkatzen ez badut". Eta emazteak: "Beti berdina esaten duzu. Egin ezazu nahi duzuna". Ordu batzuk geroago emazteak senarraren gorpua aurkitu zuen. Handik hiru egunera gorpua berriro urkatu zuten jendaurrean, Volewijken, Amsterdametik gertu.
Esan beharra dago gaixotasun mentalak aringarritzat jotzen zituztela, egun bezala. Hala, epaitua erotuta zegoelako suizidatu zela frogatuz gero, epaileak exekuzioan ankerkeria eta laido publikoa arintzeko eskatzen zuen, nagusiki kondenatuaren familia gogoan. Kondenatuari berari ez zitzaion axola izango. | news |
argia-4d530c9fbc5d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/ahtren-kontrako-berba.html | AHTren kontrako berba | I�aki Barcena | 2015-03-15 00:00:00 | AHTren kontrako berba
Erri De Luca. Italiako idazle eta poeta tribunaletara eraman dute. Bere aurka LTF enpresa frantsesak (Lyon-Turin Ferroviaire) salaketa jarri du egindako adierazpen hauengatik: "AHT saboteatuko da… Horretarako balio dute zizailek, hain zuzen: erabilgarriak dira oso, hesiak ebakitzeko. Terrorismorik bat ere ez. Oso beharrezkoak dira AHT obra kaltegarri eta alferrikakoa dela ulertarazteko" (Huffington Post). AHTren obrak aurrera doaz Italiako Val di Susan, ehunka polizia eta militarren zaindaritzapean. Gobernuarekiko solasaldiak eta bitartekaritza guztiak bukatu direnean ez da beste biderik geratzen, bere ustez.
Sabotajea. Salaketan Marco Rettighieri enpresako zuzendariak dio idazlea iraganean "legaltasunaren mugetan" zeuden mugimenduetan (Lotta Continua) ibili zela eta politika demokratikoaren hiztegian sabotajeak ez duela sartzerik, tresna eragile legitimotzat. Leporatutako iritzi delituak urte batetik bosterako zigorra dakar. Bere buruaren defentsan, De Lucak dio sabotajeak ez duela esanahi bat eta bakarra, ministerio publikoak exijitzen duen moduan. Eta liburuxka bat idatzi du: La parola contraria (Feltrinelli; gaztelaniaz Seix Barralek argitaratu du), non luma maisuaren legez bere hitzak, gogoak eta ekintzak, oraingoak eta lehengokoak, eta sabotajearen esanahiak modu ederrean plazaratzen dituen.
Hitza eta delitua. "Kontrako berbaren eskubidea erabiltzearren prozesatuko naute. Nire iritzia delitua bada, ez diot betetzeari utziko". Horixe da bere argudio nagusia. Elkartasun uholde bat sortu da Italia osoan (iostoconerri.net) eta mundu osoan hedatzen ari da. Eta elkartasunarekin batera AHTren kontrako arrazoiak. Amiantorena, besteak beste. Polizia sindikatuek ere salatu dute obren segurtasuna bermatzen duten funtzionario armatuak amianto kutsakor eta minbizidunaren arriskupean daudela. Izan ere, agintariei urarekin hautsa kentzea otu zaie. "Agian amiantoa uretan disolbagarria dela konbentziturik", dio De Lucak.
Berandu al da? AHTren auziak belaunaldi batek baino gehiago ezagutu ditu, Val di Susan eta Euskal Herrian. Han eta hemen obrak hasita daude baina oposizio ahotsak ez dira isildu eta ez du ematen errepresioarekin amatatuko direnik. Agintari eta komunikabide nagusiek proiektu atzeraezinak eta ezinbestekoak direla baieztatzen diguten bitartean Donostia-Bilbo bidaia 55 minutukoa izango dela publikoki esan dute duela gutxi. Noiz epaituko dira politikarien gezurrak? | news |
argia-c4e4c3463384 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/grezia-bidea-erakusten-ari-da.html | Grezia bidea erakusten ari da | Juan Mari Arregi | 2015-03-15 00:00:00 | Grezia bidea erakusten ari da
Espainia eta Portugaleko gobernuek euren terminal mediatikoak erabiliz kexa agertu dute Tsiprasek agerian utzi dituelako. Arrazoia: greziarrek azaldu dute gobernu horiek euren plan alternatiboa hondatu nahi izan zutela Europako Batasunak egindako bileretan. Hain justu, Espainia eta Portugal Troikari fidel izan dira eta austeritate politikak ezarri dituzte euren herrialdeetan. Greziako Gobernuak aldiz erakutsi du badaudela beste alternatiba politiko eta ekonomikoak austeritateari aurre egiteko, EBko gainerako herrialdeen presioa jasan arren, Alemaniarena nagusiki.
Zentzu horretan, "gure esperantza" zen Grezia berria, herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari da. Hala, herritarrak erreskatatzen hasi da bankuak erreskatatu beharrean. Jadanik abian jarri ditu lehenengo legea onartzeko tramiteak, "krisi humanitarioari" aurre egitea helburu duena. Pobrezian dauden 300.000 familiaren egoera hobetu nahi dute elektrizitatea doan emanez, etxebizitzen alokairurako laguntzak eskainiz eta elikadura bonoak banatuz. Planak 2.000 milioi euroko kostua du eta funts europarrekin eta zerga-bilketaren hobekuntzarekin finantzatuko da.
Greziako Gobernua erakusten ari da badakiela EBrekin negoziatzen funtsezko helburuak alboratu gabe. Modu horretan, aurreko gobernuaren austeritate neurriak ezartzeari uko egin dio. Gutxieneko soldata handitu egin da –Espainiako Estatukoaren gainetik, bide batez esanda–. Etxeko kontuetan erabakiak hartu ahal izateko nazio subiranotasuna berreskuratu da. Orain ez da beharrezkoa izango hazkundea %4,5ekoa izatea, Syrizak proposatu bezala %1,5ekoa baizik. Eta azkenik, zorra kitatzea lortu ez bada ere, dirua itzultzeko baldintzetan hobekuntza handia izango du hemendik aurrera Greziak, epeak eta interesak kontuan hartuta. Hori guztia Troikaren aurrean belauniko jarri gabe, Espainia eta Portugal ez bezala. Horregatik egin dute zaunka Greziako Syrizaren kontra, bidea erakusten ari delako merkatuen Europatik aldendu eta Europa sozial baterantz egiteko. | news |
argia-e64fb3479167 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/terminator.html | Terminator | Jakoba Errekondo | 2015-03-15 00:00:00 | Terminator
Ez da, ez, film baten izena. Baina fikzio izugarrienak baino gehiago izutzen duen errealitatea da. Gordina. Terminator . Deuseztatzailea, ezereza dakarrena.
Hazietan garatu den teknika bati esaten zaio terminator . Transgenikoak sortu dituzten enpresek negozioa areagotzera bideratua. Beren botere gosea berdintze aldera ekin zioten terminator -aren ildoari. Funtsean, erraza da: landare transgeniko bat asmatzen da, eta, jakina, patentatu egiten da; aldatutako geneen eraginez ezaugarri bereziak izango ditu, eta gene horiek landareak sortuko dituen hazietan transmitituko dira. Beraz, bigarren belaunaldiko haziak hedatzen direnean patenteak babesten duen negozioa nahi gabe ere hedatzen da. Horrek, noski, patentearen balioa urardotzen du, eta garbi diote: hazi bioteknologiko horiek sortzeko inbertsio erraldoiak egin dituzten enpresen interesak babestu behar dira.
Patenteena negozio gutxitxo, nonbait, eta gehiago behar. Nondik edo handik boterea puztu behar, aseezinak dira. Hamar enpresak dute beren esku munduan erabiltzen diren hazi komertzialen merkatuaren erdia. Terminator -ak denon elikaduraren jabe egingo ditu: terminator hazitik sortzen den landareak emandako haziak antzuak izango dira. Erein eta ez dira jaiotzeko gauza izango. Eta inguruan kutsatzen direnak ere antzutuko ditu.
Transgenikoek inolako onurarik ez dakartela pentsatzen dugunok gene horiek hara-hona ibiltzea kalte izugarriak eragiten ari dela diogu. Betiko tokiko nekazaritza egiten den alderdietan, gene txar horiek, polenaren bidez, bertako haziak kutsatzen dituzte. Lore arteko truke ziztrin horrek betirako izorratuko ditu milaka urtean hautatuz, hobetuz eta trukatuz zaindu diren aldaeren haziak. Hamaika belaunaldiren lana, pikutara. Lehen, gaitz erdi, gene bat txertatzen zitzaion. Orain, gaitza erabatekoa, haziak ernatzeko gauza ez direla geratuko dira. Lehen, transgenikoak nahi dituzten nekazari industrialek soilik erosi behar zituzten hazi horiek. Laster mundu osoak beharko ditu. Negozio biribila. Patenteenaren aldean monopolio sendoagoa.
Oraingoz galarazita dago. Itxuraz. Baina saioetan erabili izan diren geneak hor dabiltza, airean, hara-hona... | news |
argia-1121aa40d6db | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/moralkeria-da-delitua.html | Moralkeria da delitua | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-03-15 00:00:00 | Moralkeria da delitua
EGILEA ::Mariano Izeta
Euskaltzaindia, Baztango Udala
2015
Txalotzekoa da Mariano Izetaren Dirua galgarri nobela berriz argitaratzeko ideia, kasik sen arruntaren kontrako apustua baita euskarazko genero beltzaren genesiari paper berria ematea. Euskaltzaindiak eta Baztango Udalak egin dute edizioa eta arratsalde bakarrean irakur dezakezu, 100 orrialdera iristen ez den istorioa erraz ulertzeko maneran baitago idatzia, kontakizuna erabat lineala da eta ekonomia berbala du ezaugarri nagusi.
Ez nion Izetaren nobelari eskatzen "ona" izatea. Hutsuneak baditu, gauza asko faltan sumatuko dituzu, bai eszenetan, bai pertsonaiak eraikita dauden moduan, baita istorioaren korapiloetan ere. Baina 1962an idatzia da, ez litzateke bidezkoa "Raymond Chandler baztandarra" izan zedila eskatzea egun eskura daukagun almazen literariorik gabe eskribitu zuenari.
Hain erraz pasatzen ez dena narratzailearen posizio ideologikoa da. Nobela moralizatzailea dela esatea ez da gehiegikeria, ezta istorioa kontatzen duen ahotsa boterearekin erabat lerratzen dela esatea ere. Adibidez: lapurreta baten ondoren poliziak "ohiko susmagarriak" atxilotuko ditu. Komisarian "merezi zuten zanpaldi bat" jaso dutela eta ondoren giltzapean sartu dituztela irakurtzen duzu (5. kapitulua) eta ondoren aske uzten dituztela. Baina bigarrena gertatzen denean narratzaileak ez die errugabetasunik ere aitortuko –gaizkilea gaizkile da, kausa honengatik ez bada, beste zerbaitengatik–.
Delituaren benetako egilea argitzen denean ere, "etsaiaren tentazioa" da lapurretari ematen zaion kausa. Edo, bestela, lanik egin gabe bizi nahia. Ebasleak alferra delako ebasten du, ez dago beste motiborik. Nagusien eta morroien arteko desberdintasun ekonomikoak gauza naturaltzat jotzen dira, lapurreta bezalako ordena-hausteak zuzendu beharreko desbideratze gisa ulertuz. Eta aparteko kapitulua mereziko luke emakumeek betetzen duten rola aztertzeak.
Gauza guztiok ez ditugu seinalatzen bestelako pentsamolde politikoak babesten ditugulako bakarrik: narratzaileak egindako aukera horiek fikzioari kalte egin zioten, hain argi epaitu baitzituen pertsonaiak, ezen ezustekorako tarterik gabe laga zuen kontakizuna –balore moral edo ideologikoen transmisioa istorioaren aukeren gainetik jartzen duten idazleei usu gertatzen zaien moduan–.
Izetaren lanak zabaldutako genero beltzaren bidean aurreratu da ondorengo hamarkadetan, batzuen ustez gehiago besteen ustez baino. Dirua galgarri berrirakurtzea ariketa interesgarria da, abiapuntua zein izan zen jabetzeko. 1960ko hamarkada hartan gure nobela beltzek ere praktika txintxoen manual baten itxura handiegia zuten. Zer edo zer espabilatu dugu. | news |
argia-6e7c28aa4274 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/adolfo-araiz.html | "Ez dugu kontuan hartzen gobernua Parlamentutik sostengatzea" | Xabier Letona | 2015-03-15 00:00:00 | "Ez dugu kontuan hartzen gobernua Parlamentutik sostengatzea"
EH Bilduko Nafarroako Gobernurako hautagaia da. 2002tik Sakanako Mankomunitateko gerentea da, baina iragan irailean eszedentzia hartu zuen hauteskundeetan burubelarri jarduteko. 1961ean Tafallan jaioa, abokatu lanetan aritu da urte luzez. HBko parlamentaria izan zen 1991tik 1997ra, honen Mahai Nazionaleko auziagatik espetxeratu zuten arte.
Nola ikusten duzu Legebiltzarra 90eko hamarkadarekin alderatuta?
Aldatuta. Gure garaian, bakoitzaren lana eta Parlamentukoa bateratu behar genituen eta orain parlamentariek badute denbora gehiago euren lana egiteko. Lehengoak bazituen bere abantailak, baina oraingoa egokiagoa dela uste dut. Horrez gain, Parlamentua aktiboago ikusten dut, sozialki aktibatuago.
Eta parlamentarien arteko giroa?
Alde horretatik ez dut aldaketa handirik sumatu. Lehen parlamentarien arteko harremanak nahiko normalak ziren, orain agian zerbait normalago.
Bigarrengo aldiak ez direla onak dio gaztelerazko esaera zaharrak. Beldurrik?
Ez eta gainera niretzat ez da itzulera bat, orain arte ere hor egon naiz eta. Lehen makina gelan eta orain leman, baina itsasontzi berean. EH Bilduren proiektua dago hor eta horrek animatu nau pauso hau ematera.
Ikusten duzu zure burua Nafarroako Gobernuko lehendakari?
Bai, dudarik gabe. Horretarako aukeratu naute eta nire burua ere horretarako ari naiz prestatzen.
Zu HBko historiko bat zara Nafarroan. Zer esango zenioke HBrekin eta ezker abertzalearekin mesfidati egon ohi den herritarrari?
Abertzale izan, abertzaletasunaren ingurukoa edo ezkertiarrak diren herritar guztiei eskatuko diegu botoa. Esango diegu aukera historikoa dugula eta erregimena erori eta egiazko aldaketa politiko eta soziala emateko bermerik egokiena gu garela. Gu fidatzeko pertsonak gara, esaten duguna egiten dugu. Fidelak izango gatzaizkio botoa ematen digun horri.
Podemos zer da, EH Bilduri botoak ken diezazkiokeen alderdia edo balizko gobernu baterako aliatu politikoa?
Aliatutzat jotzen dut. Orain arte Nafarroan esaten dituztenekin bat egiten dugu oro har eta horiek guk aspalditik esaten ditugu hemen: prozesu konstituziogilea irekitzea, trantsizio berria, eliteen aurka egitea, justizia soziala, udaletarako aipatzen duten herritarren batasuna… Aliatu dira, Nafarroan aldaketa emango bada, aldaketa hori anitza izango delako.
Herritarren batasuna aipatu duzu. Posible ikusten duzu Nafarroako hegoaldean eratuko diren hautagaitza horietan elkarrekin aritzea Podemosekin?
Toki askotan egingo dugu bat, baina ez Podemos edo EH Bildu gisa, herritarrak bildu egiten direlako baizik. Fiteron, Cintruénigon, Herriberrin… eman ohi diren herritarren hautagaitza horietan gu izan gara eta orain ere izango gara, eta Podemosen inguruan ari den jendea ere hor izango dela uste dut.
Beste hauteskunde batzuetan baino gehiago areagotuko ote dira hautagaitza hauek?
Baietz uste dut, orain arte hainbat jendek ez du halakoetan parte hartu eta oraingoan animatuko da.
Zuk aipatu duzu, ideiei begira gauza askotan egiten duzuela bat. Ez diozue beldurrik Podemosen eraginari?
Ez, gure proiektu politikoa Nafarroako gizarteari zuzendua dago, baina gure izanak dioen bezala gu Euskal Herri osoaz ari gara. Gure prozesu konstituziogilearen subjektua Euskal Herria da eta Podemosena Espainia.
Esaten da Laura Perezi ezker abertzaleko jende askok eman diola botoa internetez. Egia ote da?
Ez dakit, baina ez dut uste. Guk behintzat ez dugu inongo mugimendurik egin horretarako; esan da hori, baina goitik behera ukatzen dugu. Estatuko zuzendaritza onartzeko primarioetan ere orain beste jendek parte hartu zuen.
Inkestak sukaldatzerakoan eskuinaren botoa ezkutatzen ari dira?
Herritarrek esan beharko dute, baina maila sozialean bada aldaketarako grina eta alderdiei dagokigu hori aldaketa politiko bihurtzea. Aldaketa emateko aukera asko dago. Inkestek hainbat argazki jarri dute mahai gainean eta uste dut Navarrometroarena izan dela desenfokatuena.
Balizko gobernu berriak oposizioko hainbat alderdiz osatua beharko luke. Bi hipotesiz hitz egiten da: bat, EH Bildu barruan da; bi, EH Bilduk Legebiltzarretik sostengatzen du Gobernua. Emaitzen zain, posible ikusten duzu bigarren hori?
Une honetan ez dugu kontuan hartzen bigarren hipotesi hori. Aldaketa emateko UPN, PSN eta PPNk ez dute 26 eserleku lortu behar. Hori ematen bada, aldaketak anitza izan behar du eta bazterketarik gabekoa. Gobernua osatzekotan gu ez gara hasiko lehendakariaz hitz egiten, lehenik programa adostu beharko da eta ondoren, emaitzen arabera, bakoitzaren ordezkariez hitz egin. Herritarrek ematen badigute, gu prest gaude lidergoa hartzeko.
Alderdi politikoen artean hitz egiten ari zarete aldez aurretik aukera horri buruz?
Duela urte eta erdi eskaintza bat egin genien Geroa Bai eta Ezkerrari ezberdinen arteko akordio bat lortu ahal izateko. Uste dut eskema horrek balioko lukeela programa adosteari buruz hitz egin beharko bagenu. Harreman zuzenak ditugu haiekin eta ez gara gobernuaz hitz egiten ari, baina bai aldaketaz. Podemosek orain finkatu du bere ordezkaritza ofiziala eta izango dugu aukera haiekin ere hitz egiteko.
Jarrai dezagun irudimenarekin suelto. Gobernuan izanez gero, Foru Hobekuntzaren erreforma bultzatu beharko litzateke?
Gure lehentasuna emergentzia sozialari aurre egitea litzateke. Nafarroaren erabaki eskubidea mahai gainean jarriko dugu, eta epe bati begira herritarrei kontsulta egin beharko litzaieke, baina hori ez da orain gure lehentasuna.
Egungo Foru Hobekuntza ez da inoiz bozkatu. Orain hori lortuko balitz, zer bozkatuko luke EH Bilduk?
Guk bere garaian ezetza eman genion Foru Hobekuntzari. Horri buruz hitz egin behar bada, Nafarroaren estatus politikoaz aritu beharko dugu, eta sekula eman ez den eztabaida egin. Nafarroak inoiz ez dio eman zehazki baietza egungo Foru Hobekuntzari. Bitartean, Foru Hobekuntzaren eskumenak baliatu behar dira eremu sozial eta politikoan aurrera egiteko eta, funtsean, beste eszenatoki politiko bat lortzeko.
Balizko gobernu horretan nola uztartuko litzateke Euskal Bidea gobernuaren jardunarekin?
Euskal Bidearen aurretik dago nafar bidea eta hor planteatzen da dauzkagun eskumenetatik abiatu behar dugula. Eskumen horietan badira orain arte erabili ez diren potentzialitateak eta horiek baliatuz Nafarroako estatus juridikoari buruzko oinarrizko legea egin beharko litzateke, besteak beste gainerako euskal lurraldeekin izan nahi diren harreman politiko-instituzionalak finkatzeko, beti ere kontuan izanik Nafarroa subjektu politiko dela. Orduan hitz egingo litzateke EAEn egindako antzeko prozesuaz bat egin nahi den.
Orain indarrean dagoen Laugarren Xedapen Iragankor ospetsuak ematen du horretarako aukerarik.
Ez, hor hitz egiten da Nafarroa EAEn integratzeaz eta ez da hori kontua. Guk fusioaren eredua nahi dugu, bi errealitate politiko eta instituzionalak dituzten erkidegoak bat egitea eta beste errealitate politiko eta instituzional berri bat sortzea.
Hau da, ezin da tresna hori erabili.
UPNk historikoki aldarrikatu du Nafarroa izango dela nafarrek nahi dutena, baina zirrikitu hori ere ezabatu nahi du, nafarrei horretan ere hitza kenduz. Une batean gure helburuetarako potentzialitatea balu pentsatu beharko genuke zer egin, baina hori ez da gure bidea.
Euskal Bidean esaten da EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak beren bidea egin behar dutela Euskal Herri batu eta independenterantz. EAEn une batean borondate nahiko balitz, ondo legoke hark independentzia aldarrikatzea?
Hori ez da gure bidea. Euskal Bidean lehenik Hegoaldeko bi errealitateen bat egitea proposatzen da, eta orduan bai, Estatu espainiarrari ariketa demokratikoa planteatzea. Bitartean halako ariketarik ez egitea aurreikusten da.
Jose Mari Esparzak idatzi duen artikulu batean oso kritika gogorra egin berri dio abertzaletasunari –baita ezker abertzaleari ere–, Nafarroako hegoaldean izan duen eta duen jokamoldeagatik.
Bai, bere molde zorrotzez hala egin du, eta badira bi errealitate desberdin Nafarroan, Lizarra-Tafalla-Zangotza lerrotik beherakoa eta gorakoa. Egia da Tafalla eta Caparrosoko errealitateak oso desberdinak direla, hala ere, aldaketarik izatekotan, bertako herritarrek bultzatutakoa izan beharko da eta ez kanpotik. Ni ez nago batere ados paratxutisten politikarekin.
Errealitate desberdin horien aurrean ezker abertzaleak politika homogenizatzaileak erabili dituela dio Esparzak. Egia dela uste duzu?
Zentzu batean agian bai. EH Bildun gauden indarrak hausnarketa egiten ari gara horri buruz eta hainbat gauza planteatuko dira. Erregimenaren urte askotako eragina ere hor dago eta Nafarroan aldaketa emango balitz, euskal abertzaletasunaz eta euskarari buruz Nafarroako hegoaldean dagoen irudia dezente aldatuko litzatekeela uste dut.
28 urte behar izan dira Euskararen Legean oraintsu egin diren aldaketak egiteko. Aldaketa txikia edo handia da?
Batzuentzat txikia eta besteentzat handia. Aurrerapauso oso garrantzitsua da, baina duela 28 urte bezala orain, guk uste dugu benetako aldaketa zonifikazioarekin amaitzea dela. Hala ere, uste dut badugula autokritika egin beharra 1995ean izandako jokaeraz, orduan orain egin den aldaketa proposamen berdintsuari ezetza eman genion eta.
Autokritika zein zentzutan?
Orduan gaizki egin genuela onartzeko. | news |
argia-a81c44194287 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/karrantzako-minden-eskandalua.html | Erantzukizunak argitu gabe daude bost urte geroago | Unai Brea | 2015-03-15 00:00:00 | Erantzukizunak argitu gabe daude bost urte geroago
Karrantzako minda plantaren auziagatiko erantzukizun penal eta politiko eskaria areagotu egin da azken hilabeteetan. Berriki, Balmasedako epaile batek –lehenago Bilboko batek egin bezala– esan du delitu zantzu argiak daudela inoiz eraiki ez zen planta horren kudeaketaren inguruan, baina auzia beste epaitegi batek eraman behar duela. Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak bere jokabidea une oro zuzena izan dela adierazi du. Eskandaluaren gakoak azalduko dizkizugu ondorengo lerroetan.
138 kilometro koadro ditu Karrantzak –Bizkaiko udalerri zabalena da–, baina 2.800 lagun inguru besterik ez dira bizi bertan, han-hemen barreiatutako pare bat dozena herrixkatan. Lehen sektoreak indarra du oraindik. Abelburuak erruz aurkitu daitezke karrantzar pentzeetan, eta haien ustiapenetik eratorritako mindek –jatorri organikoko hondakinek– hainbat ingurumen arazo eragiten dute. Horri irtenbidea, Eusko Jaurlaritzak ekimen bat abiarazi zuen duela hamarkada pasatxo.
Ekimen haren ondorioz Karrantzako Minda S.L. enpresa sortu zen 2005ean. Haren egitekoak ziren mindak tratatzeko planta bat eraikitzea eta, ondoren, plantaren kudeaketa bideratzea. Eraikitze-lanak finantzatzeko diru-laguntza publikoak eskatu zituzten hainbat administraziotan (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua), baita hamar milioi inguru euro jaso ere, 2006 eta 2009 artean. Gaur egun diru horren arrastorik ez dago, eta plantaren eraikitze lanak ia hasi bezain laster eten zituzten, 2010eko udazkenean, zer eta diru faltagatik. Obrak hasi zirenerako –2010eko apirila–, diru-laguntzak kobratuta zeuden. Nora joan zen dirua?
Ustezko delituak
2012ko azaroan aldaketa eman zen Karrantzako udal gobernuan: Karrantza Zabala taldeak –orain alkatetzan– eta Bilduk EAJko alkatearen aurkako zentsura mozioa onartu zuten. Iazko urrian, gobernu talde berriak kereila aurkeztu zuen, Karrantza Haraneko-Valle de Karrantza 2006 S.A. udal enpresaren bitartez, ustezko hainbat delitu egotziz minden tratamendurako planta kudeatzeko ardura zutenei, hala nola tartean ibili zen kargu publikoren bati, berehala ikusiko dugunez. Dagoeneko epaitegi bik aintzat hartu dituzte kereilan esandakoak, eta delitu zantzu nabarmenak ikusi dituzte.
Kereilaren tesietako bat da Karrantzako Minda S.L. enpresa, itxura batean planta eraikitzeko sortu zena, pantaila hutsa besterik ez zela. Erabakiak hartzen zituena eta, azken batean, prozesu osoan protagonismoa izan zuena Ade Biotec S.L. zen. Ade Biotecek eman zituen hasierako txostenetarako datuak, Ade Biotec arduratu zen planta eraiki behar zuten enpresak aukeratzeaz, eta, azken beltzean, Ade Biotecek hartu behar zuen bere gain plantaren kudeaketa lehenbiziko hogei urteetan. Zertarako, orduan, Karrantzako Minda S.L. sortu?, irakur daiteke kereilan.
Plantaren kudeaketarako hogei urteko kontzesioari dagokionez, komeni da gehitzea Ade Bioetecek ziurtatuta izango zituela irabaziak edozein kasutan: Karrantzako nekazariek minda nahikoa eraman ezean, Jaurlaritzak gutxieneko diru-sarrera batzuk bermatuko zizkion enpresari. Ez zen horrelakorik gertatu, jakina, planta ez baitzen eraiki, eta nekez eraikiko da.
Faktura faltsuak diru-laguntzak justifikatzeko
Otsailaren 24an, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurumen eta Nekazaritza Batzordeko bileran, Irune Soto Bilduko batzarkideak esan zuen minden tratamendurako proiektua diru publikoa bereganatzeko baliatu zutela, hasieratik, EAJtik hurbileko hainbat enpresak. Bereziki, Ade Biotecek. Administrazioetatik jasotako diruaren zati handi bat enpresa horri ordainketak egiteko baliatzen zuen Karrantzako Mindak, zer ordaindua ez egon arren.
Espainiako Gobernutik lau milioi euro jaso zituen Karrantzako Mindak, beste horrenbeste Eusko Jaurlaritzatik, eta bi milioi Bizkaiko Foru Aldunditik. Hamar milioi, guztira. Aipatutako kereilan esaten denez, datu faltsuak eman ziren diru-laguntza horiek eskatzeko, eta faktura faltsuak eman ziren jasotako diru-laguntzen justifikazio gisa. Besteak beste, eraikitze lanetan ustez egindako hainbat gastu justifikatu ziren Karrantzako Mindak igorritako dokumentazioaren bitartez, agerikoa zenean lanak hasi gabe zeudela. Bide batez, kereilak azpimarratzen du administrazio publikoak kontrol falta nabarmenarekin jokatu duela auzi honetan.
Martin Ascacibar
Kereilan salatutakoen izen zerrenda, bai pertsona fisikoena bai elkarteena, luzea da, baina izen bat gailentzen da besteen gainetik: Martin Ascacibarrena. Gezurra dirudi, baina Ascacibarrek zelaiaren alde bietan jokatu izan du diru-laguntzen partidua, nola emaileenean hala hartzaileenean.
2005ean, Ascacibar Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Ikerketako zuzendaria zen. Kargu horretatik, mindak tratatzeko planta ereduei buruzko txosten bat eskatzeaz arduratu zen. 2008an, Karrantzako Minda S.L.-k Jaurlaritzari diru-laguntza eskatu zionean, diru-laguntza horren Jarraipen Batzorde bat eratu zen, eta Ascacibar bertako kide izendatu zuten –guztira bi pertsona besterik ez zeuden batzorde hartan–. Kontua da aurreko urteko abendutik, Ade Bioteceko kontseilaria ere bazela. Hortaz, primeran jakin behar zuen diru-laguntza eskariek funtsik ez zutela, finantzatu behar zuen ustezko aktibitatea, egiazki, ez zelako ematen ari.
Ascacibar 2009ra arte egon zen Jaurlaritzan, eta Karrantzako Mindari diru-laguntza ematean parte hartu zuen. Kargu publikoa utzi eta bost hilabetera Karrantzako Mindan sartu zen, kontseilari. Kereilak hainbat delitu egozten dizkio, besteak beste diru publikoaren erabilera okerra.
Epaileek baietz, baina...
Esan bezala, iazko urrian aurkeztu zuen Karrantza Haranekok kereila, epaitegi bitan, Bilbon bata eta Balmasedan bestea. Bi epaileek –Balmasedakoak, orain dela pare bat aste– antzeko erantzuna eman dute: delitu zantzu nabarmenak daude, baina ez dute kereila onartzen. Kasu bietan argudioa bera da: ez dagokie beraiei salatutako gertakariak epaitzea. Bilboko 4. Instrukzio-Epaitegiak emandako autoan irakur daitekeenez, ustezko delituak hainbat lekutan jazo dira, baina haien hierarkiagatik komenigarriagoa da auzi osoa Gasteizen epaitzea, eta ez Bizkaian. Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzak daude tartean, noski.
Bide judizialak norantz egingo duen argitzen den bitartean, eskandaluak arlo politikoan eman du zeresana azken boladan. Lehenago aipatu dugun Bizkaiko Batzar Nagusietako agerraldian, Bilduko Irune Sotok kontrol falta eta iruzurraren egileekiko jarrera epela izatea leporatu zion Irene Pardo Ingurumen diputatuari. Hain zuzen, diru-laguntzak itzultzea oso berandu eskatu izana aurpegiratzen dio Bilduk Aldundiari:plantaren obrak eten eta urte eta erdira. Bilduko kide batek aldizkari honi adierazi dionez, susmoa dute Karrantzako Minda enpresari zordunen lehiaketan sartzeko denbora eman nahi ote zioten.
Irene Pardok erantzun zuen Aldundiak egoki jokatu duela auzi honetan, eta eskari guztiak lege barruko epeetan egin dituela. Diputatuak esan zuen zordunen lehiaketa ebatzitakoan erabakiko duela Aldundiak zeintzuk izango diren hurrengo urratsak. Zehaztapen gehiagoren faltan, EAJk, PSEk eta PPk lehenbizikoen proposamen bat onartu zuten,emandako diru-laguntzak itzultzea eta dagokion orori erantzukizunak eskatzeko. Bildu abstenitu egin zen.
Dena epaileen esku, beraz. | news |
argia-08cd8feddb32 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/ka-plataforma.html | Kultura librearen topagunea | Lide Hernando | 2015-03-15 00:00:00 | Kultura librearen topagunea
KA (Kultura Alternatiboa) plataformak otsailaren 28an aurkeztu zuen bere burua Donostiako Altxerrin. Agerraldi horren atzean asanblada bidez mamitutako proiektu sendoa topa dezakegu: kultura alternatiboan dabilen norbanako oro eta euren ekintzak plataforma batean biltzea da KAren helburua, baita euskal gizartean artea erakusteko dauden zailtasunen aurrean konponbideak aurkitzea ere.
Zer da kultura alternatiboa? Ziurrenik, KA plataformako kide bakoitzak erantzun ezberdina emango luke galdera horren aurrean, ez baita erraz definitu daitekeen kontzeptua. Batzuek, profesionala ez den kultura dela esango lukete; beste batzuek, aldiz, merkatu komertzial eta instituzionaletik at dagoena, profesionala izanda ere. Apur bat filosofikoago jarriz, esan liteke Kultura Alternatiboa, bizirik dagoen eta oraindik batasunik ez duen kontzeptu bat den artean, ezin dela hitzez definitu, ekintzaz baizik.
Egia esan, ez da anabasa kontzeptualetan sartzea gure helburua, askoz praktikoagoa den beste hau baizik: kultura alternatiboaren inguruan dabilen norbanako oro aterki baten pean batu eta gure ekintzak gizarteari ikustaraztea. Eta edonor esaten dugunean, batzeko interesa duen edonor esan nahi dugu, proiektua guztiz horizontala eta bateratzailea delako.
Lan metodo parte-hartzailea
2012. urtean Donostiako Dokan egindako gogoeta-jardunaldi baten harira sortu zen KAren ideia. Bertan, euskal kulturaren etorkizuna eztabaidan jarri zen, eta ateratako ondorio nagusiena hauxe izan zen: oinarrizko kulturan zebiltzan artistek eta elkarteek ez zutela elkarren ekintzen berri, fluxu kultural oparoa egon bazegoen arren. Bestalde, helburu komertzialik edo laguntza instituzionalik ez zuten artistek euren lanak erakusteko espaziorik ez zutela azaldu zuten, eta espazioak eskaini nahi zituzten agenteek, aldiz, euren lokaletan kontzertuak, erakusketak eta antzekoak egiteko trabak zituztela, isunak tarteko.
Egoera horrekin kezkatuta geundenok asanbladatan biltzen hasi ginen eta hortik atera zen plataforma sortzeko beharra, baita plataformaren izena bera ere. Ordudanik, hilero egin ohi ditugu asanbladak Dokan (KA Topaketak), eta hori izan da proiektua mamitzeko erabili dugun metodo bakarra. Bertan ideiak, beharrak eta arazoak plazaratzen ditugu, eta horiei irtenbideak ematen saiatzen gara. Bestalde, hainbat lan-taldetan banatu eta helburu praktikoagoak jorratzen hasi gara: plataformaren komunikazioa eramango duena, ekitaldi kulturalak antolatuko dituena, edota mugimenduaren irudia kudeatuko duena, esaterako. Hilez hil, jendea batzen joan da, izen-emate orrien bidez edota asanbladetara etorriz.
Hainbat hilabetez proiektua garatu ostean, otsailaren 28an egin genuen plataformaren aurkezpena, KA Zuzenean #1 izenpean. Gure filosofiarekin bat eginez, arte-diziplina ezberdinak ekitaldi bakarrean nahastu genituen, baita adin, sexu, profesionaltasun, jatorri, hizkuntza eta estilo ezberdinak zituzten artistak formatu bakarrean aurkeztu ere. Musikaz, margolanez eta maketaz apaindu genuen Altxerri. Gure helburua, hasierako tiro sinboliko hori eta gero, horrelako ekitaldi gehiago antolatzea da, baita, noski, plataformaren oinarri diren asanbladak egiten jarraitzea ere.
Donostia 2016: kritika vs. oportunitatea
KAren asanblada orotan atera da Kultur Hiriburuari buruzko eztabaida. Alde batetik, argi dugu Donostia 2016 proiektua ez dela oinarriko kulturan dabiltzan artista eta agenteei inongo mesederik egiteko jaio; gehiago dela betiko artista ezagunen erakusleiho izango den ikuskizuna, hiriko kultur mugimendu guztiak azaleratzeko oportunitatea emango duen abagunea baino. Hala ere, kontziente gara, berez kultura alternatiboaren alde egongo ez den proiektu hori gure mesederako erabili dezakegula. Azken finean, urte horretan europar kulturaren foku guztiak Donostian ipinita egongo baitira, eta horrek aukera emango die ofizialtasunetik at dauden mugimendu guztiei ikusmira apur bat sortzeko.
Dena dela, ez da gure asmoa Donostia 2016 Kultur Hiriburuari kontra egitea; guk gure aldetik kultura ofizialarena bezain bide sendoa jorratzea baizik. Kultura librearen eremu sortzaile, esperimentatzaile, bateratzaile eta kritikoa elikatu, sendotu eta zabaldu nahi dugu, kosta ahala kosta; eta lortzen ez badugu ere, saiakera hori egin izanaz harro sentitu.
Kontaktua eta gonbidapena
Proiektu zehatzik ez duena ere asanbladetara gerturatu daiteke ideiak ematera eta jasotzera, eta elkartruke horretan artisten artean proiektu bateratuak sor daitezke; beti izango dira aberasgarriak. Arte mota guztiek dute lekua hemen, baita iturri ofizialek artetzat jo ez baina kultura aberasten laguntzen duten gainontzeko praktikek ere: antzerkia, margolaritza, argazkilaritza, literatura, musika, magia, umorea, sukaldaritza…
Ahalik eta lagun gehien batzea baitugu helburu, guztion artean indarrak hartu eta kultura alternatiboak duen garrantzia agerian uzteko. Plataformak webgunea sortu berri du: www.kulturaalternatiboa.com. Oraindik eraikuntza-fasean dagoen arren, bertan proiektuari buruzko informazio guztia topatu ahalko du interesdunak, eta plataformara batu nahi duenak ezin errazago izango du hori egiteko: webgunearen azpi-atal batean izen-emate orria bete besterik ez du egin behar. Laster plataformaren ideia nagusiak bilduko dituen teaserra ere argitaratuko dugu. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan ere aurki daiteke KA.
Plataformako kide den idazle batek titular hau jarri zion Kulturaldia webgunean idatzi zuen artikuluari: " Artistas unidos jamás serán vencidos " (Artista elkartuak, inoiz ez zanpatuak). Egia ote? Ez dakigu, baina gu behintzat baso horretan sartu gara jada, eta ez dago atzera bueltarik. | news |
argia-e4134f158f6f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/iraitz-salegiren-kasua.html | Mezularia zigortu nahi du Espainiako Gobernuak | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2015-03-15 00:00:00 | Mezularia zigortu nahi du Espainiako Gobernuak
'Mozal Legea' izenez ezagutzen den Herritarren Segurtasunerako Lege proposamenak, protesta baketsu ugari zigortzeko bidea irekitzeaz gain, kazetaritza jarduna ere delitu bilakatuko du. Ez da Espaniako Estatuan informazio eskubideari eraso egiten dioten lehen aldia. Topatuko kazetari Iraitz Salegiren kasua da azkena, ekitaldi baten berri emateagatik kartzela zigorra eskatzen dute.
Euskal Herriko 300 kazetari, argazkilari eta unibertsitateko irakaslek "Kazetaritza ez da delitua" manifestua sinatu dute. 59 hedabidetako kide hauek Mozal Legea ren aurkako eta Iraitz Salegi kazetariaren aldeko jarrera hartu dute.
"Ez gaude prest legearen izenean informazio askatasuna nola desitxuratzen duten kontatzeko", diote. Topaturen aurkako epaiketaren bitartez kazetaritzaren lanbidea arazo bilakatu nahi duela ulertzen dute. "Guk, kazetariok, gizartearen arazoei irtenbidea bilatzen laguntzeko tresna izan nahi dugu", aldarrikatu dute.
Salegirenaz gain, otsailean Espainiako Estatuan, kazetari lana egiteagatik atxilotuak edo epaitegira deituak izan diren Jaime Alekos eta Alicia Armestoren kasuak zabaldu dira. Lehena etxe kaleratze baten jarraipena egiten ari zela atxilotua Madrilen, eta bigarrenari beste etxe kaleratze batean barrez ari zen polizia baten argazkia sareratzeagatik salaketa jarri diote. Azken bi kasuokin Mozal Lege a bera indarrean jarri aurretik bidea urratzen ari direla adierazi du Espainiako Kazetarien Sindikatuen Federazioak.
Zer dakar Mozal Legea k?
30.000 euro arteko zigorra izango dute etxe kaleratzeen galarazteak, Espainiako Kongresuaren aurrean egindako manifestazioak edo Poliziaren gehiegikeriak erakusten dituzten irudiak grabatu eta zabaltzeak. 600.000 euro artekoak eraikin publikoetan manifestazioak egiteak edo debekatutako manifestazioak aurrera eramateak. Mozal Legea k jasoko dituen neurri batzuk besterik ez dira horiek. Martxoaren bigarren astean Espainiako Senatuan onartuko dute azken orduko sorpresarik ezean, eta uztailaren 1ean indarrean sartuko litzateke.
Jorge Fernández Diaz Espainiako Barne ministroaren ustez, lege horrek "eskubide eta askatasun publikoak hobeto finkatuko ditu, herritarren segurtasuna hobeto bermatu eta legez kanpokoak edo indarkeriazkoak diren zein izaera bandalikoa duten jokaerak galaraziko ditu".
Nazio Batuen Erakundeak Mozal Legea eta kode penalaren erreforma erretiratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari otsail amaieran. "Modu baketsuan manifestatzeko eta era kolektiboan iritzia adierazteko eskubideak jendarte libre eta demokratiko baten oinarriak dira", adierazi dute. Oposizio guztia aurka izan arren, aurrera doa, ordea, gehiengo osoa duen PP.
Euskal Herrian hainbat eragile hasi da gaia lantzen, Eleak mugimendua, Arabako Gazteak Altxa edo Herritarren Kriminalizazioaren Kontrako Plataforma kasu. Espainiako Estatu mailan No Somos Delito mugimendua gaia sozializatzen ari da.
Eleak mugimenduaren ustez, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen ukazioa handituko du lege berriak. "Poliziari are botere, eskumen eta zigorgabetasun gehiago emango dizkio; delitu berriak nahieran ezarriko ditu; horiek zehatz definitu gabe utzi eta erabateko babesgabetasuna sortuko du; gogorrago baina ezkutuan zigortuko du". Azken urteotan herri harresien bueltan lanean aritu den mugimenduaren ustez "disidentzia ororen aurkako arma hedakor eta trinkoa da; kalean, lehen lerroan eta egunero nahi adina erabiltzeko diseinatua".
Kazetaritza ere jomugan
Protesta bera zigortzearekin batera, hauei buruz informatzen dutenak ere jarri ditu begi puntuan Espainiako Gobernuak. Legean zehazki jaso dute ezingo dela agenteen irudirik zabaldu horien baimenik gabe. Horrez gain, Barne ministroak adierazi du Poliziak aukera izango duela kamerak errekisatzeko, ekintza "ilegalak" egiteko badira edo Poliziaren lana egiteko oztopo direla uste badute.
Mugarik Gabeko Erreportariak elkarteko kide Malen Aznarezek kazetariei beren lana egiten jarrai dezaten eskatu die. "Lege honen aurka gaude eta gobernuko alderdia aldatzen bada, derogatu egingo dutela espero dugu, baina bitartean kazetariei informatzen jarrai dezatela eskatzen diegu, manifestazio eta eskratxeak jorratzen. Guk lege honekin egingo diren zapalkuntzak salatzen indarra jarriko dugu eta hedabideen jabeei eskatzen diegu beren profesionalak babes ditzatela".
Kazetarien elkarte, sindikatu eta eskolen gehiengoak adierazpen eta informazio askatasunarekin talka egiten duten lege honen aurka hitz egin du.
Nazioartean ere antzeko bideak
Europar Batasuna ere herritarren informazio eskubideari eragingo dion neurri multzoa prestatzen ari da 2013tik hona. Filtrazioen aurka jarriko dituzte indarrak, Corporate Europe Observatory irabazi asmorik gabeko elkarteak.
"Enpresen izen ona kaltetuko lukeen edozein informazio edo barne dokumenturen eskuratzea, erabiltzea eta legez kanpo argitaratzea" zigortu nahi dutela salatu dute.
Europako Batzordeak sekretu komertzialari buruzko zuzentarau hau aurrera ateratzen badu, europarrak izango dira kaltetuak beren ustez, "informazioa beharrean enpresen komunikatuak jasoko baititugu".
Frantziako Estatuan lehen saiakerak kale
Joan den urtarrilean Frantzian antzeko arau bat atzera botatzea lortu dute kazetari, prentsa elkarte, hedabide, erredakzio kontseilu, agentzia, blogari eta GKE ugarik. Macron Legea n isilpean eta azken orduan sartu zuen Gobernuak "sekretu komertzialari" buruzko emendakina. Teorian industria espioitzaren aurka egiteko zela esan zuten arren, hiru urteko kartzela zigorrak eta 375.000 euro arteko isunak ezarri nahi zituen "autorizaziorik gabe babestutako informazioaren ezagutza lortu, hau desbideratu edo argitaratzen du'tenentzat".
Gainera, zigorrak zazpi urteko espetxealdira eta 750.000 euroko isunera igo zitezkeen "Estatuaren segurtasunaren aurka edo Frantziako oinarrizko interes ekonomikoen aurka atentatua" eginez gero. Frantziako kazetarien iritziz, emendakin horrek debekatu nahi zuen enpresentzat balioa duen edozein dokumentu argitaratzea. Enpresak erabakiko zukeen zer argitara dezakeen kazetariak eta zer ez. Eta kazetariak edo beren iturriak kartzelara joan zitezkeen interes orokorreko informazio bat argitaratzeagatik.
Zentsuraren hurrengo kate begia
Mozal Legea onartu aurretik ere ugariak izan dira informazio eskubidearen aurkako erasoak Euskal Herrian. Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta hainbat hedabide itxi izan dute: Egin egunkaria, Egin irratia, Egunkaria , Ardi Beltza aldizkaria, Apurtu.org gunea eta Ateak Ireki berbarako. Egineko zuzendari ohi Xabier Salutregi kartzelan da oraindik. | news |
argia-9ae4d65b721e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/pirinio-atlantikoetako-bozak.html | Giro nahasia politika aldaketaren atarian | Mikel Asurmendi | 2015-03-15 00:00:00 | Giro nahasia politika aldaketaren atarian
Hil honen 22an eta 29an izanen dira Pirinio Atlantikoetako bozak, bi itzulitan ohi bezala. Alta, boz hauek kantonamendu kopuruan eta hautagaitzen eraketan aldaketak ekarri dituzte: 27 kantonamendu dira departamenduan, hauetako hamabi Ipar Euskal Herrian, lehen 21 ziren. Hautagaiak parekideak dira hauteskunde-barruti bakoitzean: emazte eta gizon kopuru bera.
Paueko Kontseilu Nagusiko egiturak berrituak izanen dira bozen ondoren. Erregioen –eskualdeak– egituratze berriak aldaketak ekarriko ditu departamenduetan. Bi egituren eskumenetan aldaketak izanen dira –NOTRe legearen arabera garatzen ari dira–, baina ez dira zehatz-mehatz ezagutzen. Gizarte laguntzetan, azpiegituretan eta hezkuntzan aldaketak izan litezke departamenduaren kaltetan, antza.
Biarno eta Ipar Euskal Herria daude Pirinio Atlantikoak departamenduan. 2015eko aurrekontua 803 milioikoa da, azken gobernu kontseiluak onartua. Egungo presidente Georges Labazéek (PS) ez du bere burua aurkeztu. Bera da departamenduko lehen presidente sozialista. Hauteskundeotan, 143 dira hautagaiak eta horietako 108 berriak; 76 dira euskal hautagaiak. Kontseilu Nagusiko hautetsiak 52 dira, eta orain arte, zortzi baino ez ziren emakumeak. Aurrerantzean, 27 emakumek eta 27 gizonek beteko dituzte Paueko Kontseilu Nagusiko aulkiak, Nafarroako Parlamentua ere deitua.
Alderdien hautagaitzak
Amaitu berri den legealdian, historian lehen aldikoz, PS izan da indar politiko nagusia departamenduan. Alabaina, PSko oraingo boz zerrendetan ez dago Georges Labazée biarnesa, ez Frantxoa Maitia garaztarra, ezta Atharratzeko Arnaud Villeneuve auzapeza ere. Hendaiako auzapez eta departamenduko lehendakariorde Kotte Ecenarro jalgi da lider berri gisara. Chantal Kehrig-ekin aurkeztu da Hendaiako hauteskunde-barrutian. Donibane Lohizuneko Jean Henri Aguerretche-Julie Bergara, Baionako Henri Etcheto-Marie Chistine Aragon eta Juliette Brocard-Christophe Martin bikoteak ere pisu handikoak dira alderdi sozialistan. PSk Europe Ecologie Les Verts taldearekin akordioa lortu du zenbait kantonamendutako zerrendetan; Baionan eta Bidaxune-Amikuze-Oztibarren, adibidez.
Eskuinak eta zentroko alderdiek historikoki kudeatu duten departamenduko boterea berreskuratu nahi dute. UMP eta Force64 alderdiek bat egin dute horren xedez. Jacques Laserre presidente zentrista ohia, Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan aurkeztu da berriz ere, Anne Marie Bruthekin batera aldi honetan. Miarritzen Max Brisson eta Maider Arostegui dira hautagai nagusiak. Donibane Lohizunen bi bikote daude eskuinaren izenean: Ziburuko axuanta Isabelle Dubarbier da ezagunena. Angeluko Claude Olive auzapeza Baionako 1. kantonamenduko hautagaia da. Landa edo baserri munduan, zentro-eskuineko beste izen ezagunak hauek dira: Beñat Inchauspe Hazparnen, Vicente Bru Uztaritzen eta Pepela Mirande Zuberoan.
Euskal Herria Bai (EH Bai) hautagaitza abertzalearen lema Herrian bizi, lan egin eta erabaki da. Lurralde Elkargoa eta aldaketa sozioekonomikoa aldarrikatzen ditu. Iparraldeko hamabi kantonamenduetan soilik aurkezteak Kontseilu Nagusiko aulkien erdiespen kopurua mugatzen dio. Bidaxune-Amikuze-Oztibarren Anita Lopepe-Xabi Larralde bikotea da buruan buru. Donibane Lohizunen, berriz, Peio Etcheverry-Ainciart eta Leire Larrasa dira lehen hautagaiak. Hiriburuko auzapez Alain Iriart –egungo kontseilari abertzale bakarra Pauen– Errobi Aturri kantonamenduan aurkeztu da, Fabienne Ayensa da bikotekidea.
EAJ lau kantonamendutan aurkeztu da. Jean-Michel Iribarne eta Itxaro Bethart Uztaritze-Errobi barrutian. Francis Gellie eta Nicole Terunad Urdazurin. Donibane Lohizunen Gaxuxa Elhorga eta Jean Pierre Etcheverry. Hendaiakoan, berriz, Jean Tellechea eta Itziar Aizpuru. Jeltzaleen asmo behinena herritarrengana iristea da. Zuekin hemen! dute kanpainako lema.
Alderdi edota mugimendu horien hautagaitzen bi aldeetara Fronte Nazionala (FN) eta Ezkerreko Frontea daude; bi muturretan. Kantonamendu guztietan aurkeztu ez arren, Le Pen markako zerrendek ustekaberen bat eman lezakete. Ezkerreko Fronteak, berriz, Hendaia eta Baiona aldean dauka atxikimendu gehiena.
Giro nahasia
Hauteskunde hauen berezitasunak berretsi ditzagun: kantonamendu edo hauteskunde-barrutien kopurua gutxitu izana eta hautagaien parekidetasuna. Departamenduetako azken bozak izan litezke hala berean. Ipar Euskal Herriaren kasuan –Pirinio Atlantikoak desagertuko direlakoan–, tokiko zenbait jarduera politiko Paueko Kontseilu Nagusitik Bordeleko Kontseilu Nagusira iragan litezke. Alta, orainokoan ez dira ezagutzen erregioetako eta departamenduetako eskumen politiko berriak. Horiek horrela, kanpaina gorabeheratsua iragarri dute politikariek. Egoera hau ez da ere kezka bakarra alderdi politikoentzat. Hexagonoko hauteskunde nagusietan abstentzioa goiti ari da, eta herritarrengandik hurbilago dauden instituzioetarako bozetan ere abstentzioaren mamua ageri da.
Frantziako instituzio nagusietan ezkerra da nagusi uneon, PS buruan buru: Asanblea Nazionalean, Eliseon (François Hollande presidentea) zein Matignonen (Manuel Valls lehen ministroa). Akitaniako eskualdeko buru Alain Rousset da eta Georges Labazee jokoan dagoen departamendukoa. Pirinio Atlantikoetako presidenteak berak ezkerrak irabaztea zaila ikusten duela adierazi du publikoki.
Ezkerraren politikaren porrotaren ondoren, eskuinaren itzulera sumatzen da. Kontseilu Nagusia eskuinaren esku baino, zentro-eskuinaren esku egon da, departamenduko buru ohi François Bayrou ikur nagusia izaki. Zentro-eskuinaren aliantzak Kontseilu Nagusiaren gidaritza berreskuratzea errazten du. Halaber, FNren emaitzek argituko dute eskuindar bozemaileen joera, baita ezker muturreko emaitzen joera agertuko ere.
EH Bai eta EAJ itxaropentsu agertu dira aurre-kanpainan. EAJ bere izenean aurkeztu da, eta horrek emango du bere ahalmenaren benetako neurria. EH Baik, bestalde, Euskal Herriaren garai berrian oinarritu du kanpaina. Alain Iriart hautagaiaren erranetan, EH Baik gora eginen du eskualde guztietan.
Martxoaren 9an abiatu da kanpaina. Aspaldi igurikatzen den politika aldaketaren atarian giro politikoa nahasia da. | news |
argia-cc4714d0564d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/askoa-etxebarrieta.html | "Egunero borrokatzeko motibazioa eman dit flamenkoak" | Miel Anjel Elustondo | 2015-03-15 00:00:00 | "Egunero borrokatzeko motibazioa eman dit flamenkoak"
Flamenko dantzaria da Askoa Etxebarrieta Lasheras "La Pulga". Arkakuso da ezizenez,
baina zinezko plazandrea agertokian dantzan esku-zartaka denean.
Bialystok-era (Polonia) joatekoa zara, flamenkoa aitzakia.
Bai, internazionala da flamenkoa. Joaten zaren lekura joaten zarela ere, hantxe flamenkoa! Montrealen ikastaroa gidatuta nago, esate baterako, eta flamenkoa egiten zuen taldea ere aurkitu nuen, eta emanaldiak egin genituen. Mundu osoan zabalduta dago flamenkoa. Nire kasuan, flamenkoa ikasi nahi izan nuenean Granadara joan nintzen. Banekien Andaluziara joan behar nintzela, flamenkoa ondo ikastekotan. Bada, hara joan eta kanpoko jende mordoa ikusi nuen, flamenkoa ikasi nahian: amerikarrak, japoniarrak... Horrek erabat harritu ninduen, zeren eta hemen, Euskal Herrian, ez zegoen horrelako afiziorik. Aldiz, Granadara joan eta bazter guztietako jendea, flamenkoa ikastera joanda! "Tira, ez nauk ni flamenkoa ikastearren dena utzi duen zoro bakarra!". Batzuk ziren gitarrista, beste batzuk dantzari… eta denak, ni baino urrutiagotik joandakoak hara.
Zu ez beste euskaldunik bazen flamenko ikasten Granadan?
Nerea bat bazen, Bilbokoa, eta besteren bat. Eta ni. Euskaldun gutxi Granadan flamenkoa ikasten. Eta Sevillan ere gutxi izan ginen… Baina badira. Mutilik, aldiz, ez dut ezagutu flamenkoa ikasten ari denik, ez Granadan, ez Sevillan, ez Madrilen. Hala ere, Euskal Herrian ere badira flamenkoa dantzatzen duten mutilak. Pare bat, Bilbon, nonbait.
Harrigarria ere bada. Andaluziarrak makina bat dira Euskal Herrian…
Beraien artean bai, zabaldu dute flamenkoa, baina besterik ez. Lehen, behintzat, Andaluziako etxeetan eta horrelakoetan baino ez zuten egiten. Ikastaroak, eskolak… beren bazkideei zuzentzen zizkieten, kanpora zabaldu gabe. Nire ustez, hobe zuketen gehiago zabaldu izan balute. 80ko hamarkadan, edo 90ekoan, Euskal Herriko egoera orain ez bezalakoa zen, flamenkoa ere ez zen orain bezain ezaguna, eta bestalde, Espainiari lotuegi agertzen zen, eta horrek, nahitaez, arbuioa eragiten zuen, neurri batean. Uste dut hemengo andaluziarrak garai hartan flamenkoa zabaltzen saiatu izan balira, ez zuketela harrera onik izango, eta alde batetik ulergarria zait: berrogei urtean txapela jaten ibili izan bazaizkizu, ezin bada normal onartu. Baina, bestalde, egia da flamenkoa artea dela, Afrikako edo Brasilgo musikak diren bezala, eta beraz, aurreiritzi horietatik urrundu behar da flamenkoa. Horretan, Francok kulpa handia izan zuen. Kalte handia egin zion flamenkoari. Hark flamenkoa eta Espainia lotu zituen, flamenkoa eta "ole!", flamenkoa eta zezenak, eta gainerako guztia. Horrek batere onik ez zion egin flamenkoari. Are gutxiago Euskal Herrian.
Eta orain, irauten du aurreiritziak?
Nire ustez, orain garai ona da flamenkoarentzat Euskal Herrian. Gero eta saio gehiago programatzen dira, gero eta jende gehiagok du interesa, gero eta hobeto bereizten dira flamenkoa eta haren inguruko aurreiritziak… Ni Euskal Herrikoa naiz, euskalduna naiz, flamenkoa gustatzen zait, baina ez naiz espainola.
Zu espainola ez, zu La Pulga zaitugu…
.Flamenko dantzaria, 1976an Gasteizen jaioa, txikitan –10 urte nituela– balet ikasten hasi nintzena. Lehenengo, akademiaren batean ibili nintzen eta gero dantza kontserbatorioan ikasi nuen, laugarren ikasmaila arte. Ondoren, 15 urte, eta utzi egin nuen, adoleszentzian: beste gauza batzuk ere egin nahi nituen, lagunekin irten eta beste. Zortzi urte batere balet egin gabe egon nintzen. Dantza garaikidea ere egin nuen geroago, baina ez ninduen harrapatu. Azkenean, 1998an, flamenkoa ezagutu nuen Zaramazulon [2009ko otsailaren 24an itxi zuen lokala Guardia Zibilak]. Gustatu egin zitzaidan txalo korrua, bata dantzan hastea, bestea kantuan… Hango energiak harrapatu ninduen. Ondoren, ikastaroren bat egin nuen Rosa Lahozekin Gasteizen bertan, eta, udan, 2001ean, Granadara joan nintzen ikastaro trinkoa egitera. Hantxe konturatu nintzen benetan flamenkoa ikasi nahi banuen Andaluziara joan behar nintzela. Beraz, hona itzuli, egiten nuen lantxo bat utzi, mutil-laguntxoa ere utzi… Dena utzi eta joan nintzen.
Granadara lehenengo, Sevillara gero...
Bai. Ikastaro trinkoa egitera joan eta Granada ezagutu nuen, bertako giroa, lagunak egin nituen, irakasleak ezagutu… "La Presi", esate baterako, bizian izan dudan irakasle onenetakoa, baina puskaz gainera! Hila da… Makina hutsa zen! Zenbait urte egin nituen han eta, gero, Granada txikia egin zitzaidala konturatu nintzen: lauzpabost irakasle besterik ez dago han. Orduan, Sevillara joan nintzen, hango eskola diferentea baita: gorputza, besoak… lantzen dituzte Sevillan, eta nik horixe nahi nuen. Launa urte egin nituen Granadan eta Sevillan. Bitartean, Euskal Herrira ere etortzen nintzen, dirua gastatzen zitzaidanean: hiru bat hilabetean taberna batean eta bestean lana beltz egin, dirutxoa aurreztu eta Andaluziara berriro!
Ikastera…
Gehiago ikastera. Behin ere ez duzu ikasten amaitzen, baina oinarri sendo bat izan, behintzat. Gero gerokoak! Oinarria baldin baduzu, hasi zaitezke dantzan musikariekin batera, badakizu zein den dantzaren egitura… Orain ere, esaterako, eta kuartel nagusia Gasteizen baldin badut ere, Madrilera joaten naiz bi hilabeterik behin, aste bateko ikastaro trinkoa egitera, gehiago ikasteko asmotan. Ikastaro horiek ikaragarri motibatzen naute. Madrilen flamenko giro handia dago, Gasteizen ez bezala. Hemen, ikastaroetara etortzen zaidan jendeak hobbya du flamenkoa, ez dute dantzari profesionala izateko asmorik. Madrileko ikastaroetan biltzen garenok, berriz, horixe nahi dugu, dantzatu, emanaldiak egin, ikuskizunak muntatu: giroa oso da ezberdina. Jendeak serio eta beltz egiten du lan, nahiz eskolan, nahiz eskolaz kanpo.
Zer zioten gurasoek zure flamenko zaletasunaz?
Flipatu egiten zuten! Ama, harri eta zur. Aitak: "Zuk euskal dantzak ez, baina flamenkoa bai!". "Horixe gustatzen zait eta!". Hala ere, hori hasieran izan zen. Orain ahal duten guztietan etortzen dira ni ikustera, gustatu ere egiten zaie flamenkoa, eta konturatu dira flamenkoa ez dela beraiek pentsatzen zuten gauza. Ama, adibidez, behin Sevillara etorri zitzaidan izekorekin batera. Sevillara joan nintzenean, etxe okupatu batera jo nuen: Casas Viejas zuen izena. Hara jo eta flamenko tailerra emango nuela esan nien. Horrela, okupa giro hartan zebilen jendea ezagutu nuen, eta gizarte mugimenduetan lanean ari zena. Han, flamenkoak protesta hitzak ere bazituela ikasi nuen, alternatiboa ere bazela flamenkoa. Ostegunetan, esaterako, El Pumarejo izeneko plazara joaten ginen, bertako gizarte etxera, biltzen ginen zahar eta gazte, denok borrokalari xamarrak, eta hori gure amari ikaragarri gustatu zitzaion. Orduan konturatu zen ama flamenkoa ez zela berak uste zuena, flamenkoa izan litekeela protesta. Izan zaitezke flamenko dantzaria eta Etxebarrieta, eta euskalduna, edo ez euskalduna. Izan ere, borrokalari asko ezagutu ditut nik flamenkoaren inguruan, kapitalismoaren kontra, sistemaren kontra daudenak. Badira flamenko batzuk sistemaren alde daudenak, eta beste batzuk kontra. Euskal Herrian eta euskaldunen artean bezala.
Balet klasikoa egiten hasi zinen…
Eta asko gustatzen zait oraindik ere. Baina oilanda gazte nintzen, eta utzi egin nuen balet klasikoa. Eta utzi eta bi urtera, balet ikaskide izandakoak ikustera joan nintzen, eta hura negar makakorroa nik! Arinkeriagatik utzi nuen baleta, eta institutuko ikasketen zamagatik: goizean institutura, bazkaldu, eta ziztuan balet egitera, egunero hiru ordu. Dena dela, balet klasiko dantzaria izateko aukera izan banu, hori ere izango nintzatekeen!
Bada alderik, hala ere, balet klasikoaren eta flamenkoaren artean.
Bai, bai. Hogeita hamabosten bat urte dituzunean ezin duzu balet klasikoa dantzatu. Alegia, ez dago adin horretan hartuko zaituen konpainiarik. Aldiz, flamenkoa dantzatzeko mugarik ez duzu. Bestalde, balet klasikoa oso arautua dago, legeak oso estuak dira: ezin duzu besorik lekutik kanpo ibili, adibidez, akats larria delako. Flamenkoan, berriz, bada jarrera bat, badira zenbait lege, baina bailaor -etan bakoitzak bere energia du, eta horrek asko janzten du flamenkoa. Balet klasikoa ikusi, eta emanaldi guztiak antzeko xamarrak irudituko zaizkizu, lehenengo dantzariak gorabehera, gisa berean ariko baitira. Flamenkoan ez da horrelakorik. Norberaren energiak askoz ere garrantzi handiagoa du. Hargatik dago hainbeste bailaor , eta ez dago bata bestearen berdinik.
Berdinik ez, eredurik bai.
Eredurik, idoloak… Carmen Amaya bat, esaterako. Hura emakume puska, hura bailaor -a. Gainera, zapateatzen hasi zen lehenbiziko emakumea izan zen. Ordu arte gizonezkoek baino ez zuten zapateatzen. Emakumeek beso mugimenduak eta gisakoak egiten zituzten, gizonezkoak zapateatzen eta esku-zartaka aritzen ziren bitartean, jarrita. Carmen Amaya zapateatzen hasi zen lehenengo emakumea izan zen, eta, bestalde, gizonezko askok baino hobeto egiten zuen. Makina hutsa zen! Harrezkero ez da sortu haren hankak dituen inor. Dantza egiteko prakak jantzi zituen lehenengo emakumea ere izan zen. Camarón kantuan izan dena, horixe izan zen Carmen Amaya dantzan.
La Presi, makina hutsa. Carmen Amaya, makina hutsa. Eta Askoa Etxebarrieta, La Pulga?
Ez dakit, bada… Niri asko gustatzen zaizkit hankak. Horixe dut nire alde: asko entseatzen ditut hankak, badut abiadura, nahiz eta zer landu handia dudan oraindik. Bestalde, besoak mugitzea-eta gutxiago gustatzen zait, eta hortik ere badut zer ikasi franko. Izan ere, ni soniquete-ak harrapatu ninduen, erritmoak, oinen erritmoa konpasean… gauza horiek gustatu zitzaizkidan, eta badakit dantza egiten dudanean igartzen zaidala.
Eta nola iritsi zara zure flamenko emanaldietan txalaparta eta gitarra espainola ere sartzera?
Ez gara lehenak izan txalaparta eta flamenkoa fusionatzen. Guk baino lehen Chua Albak ireki zuen bidea. Granadakoa da, baina dantza akademia izan zuen Bilbon. Gu harago joaten saiatu gara. Ikerketa egin dugu eta Chua Albak baino protagonismo handiagoa eman diogu txalapartari, gai guztietan sartu dugu, benetako protagonista egiteraino. Eta, gaur egun, ez dut ikusten guk egiten dugun moduko ikuskizunik. Hori bai, asto lan beldurgarria izan da, asteburu trinkoak buruan ilea baino gehiago joan zaizkigu lanean, hau eta hura pentsatzen, saiatzen, hitzak asmatzen…
Hitzak ere zuek idatziak dira.
Horretan ari gara. Eta batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz nahi ditugu. Tira, hasteko, badugu tango bat euskarazko hitzak dituena. Geuk egina. Horretan saiatzen gara beti, gauzak geuk lantzen. Hurrengo asteburuan ere lanaldi trinkoa egingo dugu. Asto lana da, esan dizut, baina ikaragarri gustatzen zaigu denoi.
Zer eman dizu flamenkoak?
Gauza asko. Lanbidea, egunero borrokatzeko motibazioa, helburu bat… Neure bizitza! Egunero entseatzen dut. Indar handia eman dit, ilusio ikaragarria. Bizitzan super inportantea da motibazioa izatea, honetarako edo hartarako. Flamenkorik egingo ez banu, tabernaren batean ariko nintzateke lanean seguruenera, asebeteko ez nindukeen lanean.
Hunkitu egin zara…
Bai… Oso ondo sentitzen naiz flamenkoa dantzatzen, eskolak ematen. Zorte handia dut, asko gustatzen zaidalako egiten ari naizena. Gustuko lanean ibiltzea, bestelako lan batean jardun beharrik ez izatea, asebetetzen nauen eginkizunean… zorte handia da. | news |
argia-800275b78ffa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/matxismoa-kirolean.html | Berdintasuna ipurdiz gora | Jon Torner Zabala | 2015-03-15 00:00:00 | Berdintasuna ipurdiz gora
Podiumeko azafata baten ipurdia; tratu txarrak justifikatzen dituzten kantak; eta homofobia borrokatzea xede duen egitasmoa. Kirolean ere,urrats asko falta da matxismoa desagerrarazteko.
Podiumeko azafaten egitekoak eztabaida berria eragin du, Flandrian egiten den E3 Harelbeke txirrindularitza probaren kartel ofizialak hauspoturik oraingoan. Irudian ageri dira neska horietako baten ipurdia –kulero urdinarekin–, eta hurbiltzen ari zaion ziklistaren eskua. Inspirazio bezala erabili dute 2013an Harelbeken bertan Peter Sagan eslovakiarrak egindakoa, azafata bati ipurdia ukitzeko keinua egin zuenekoa. Horrekin nahikoa ez eta hamar egun geroago, Flandriako Tourreko podiumean keinutik ekintzara igaro zen. "Ez zen nire asmoa emakumeak iraintzea; broma bat besterik ez da", adierazi zuen txirrindulariak. Barre gutxi, baina. Irainduak sentitu ziren orduan eta irainduak sentitu dira orain, baita gizonezko asko ere. Ez da gutxiagorako.
Hainbat lagun, Historian doktore Maria Castejón esaterako, protagonisten generoa trukatzeak sortuko lukeen erreakzioaz mintzo dira: "Zer gertatuko litzakete emakumezko kirolarien alboan mutil katxarroak agertuko balira? Ipurdia publikoki ukituz gero jendeak esango luke lizun hutsa dela, puta samarra. Desberdintasun handi bat dago, gainera. Neskek, oro har, ez dute pentsatzen inguruan duten edozein gizonengan halakorako eskubiderik dutenik". Txirrindularitzan aditu Paloma Castroren hitzetan, bestalde, emakumezko irabazleei sariak "mutil lerden eta maitagarriek" emango balizkiete, eta ez 50 urtetik gorako tokian tokiko agintariek, neska gehiagok jarraituko lukete kirol hori. Hala balitz ere, ez dugu uste podiumean ar-eme paperak trukatzea litzatekeenik matxismoa borrokatu eta egoera iraultzeko gako nagusietakoa.
Azken urteotan podiumeko azafata bezala lan egin duen Magalie Thierry frantziarrak onartu du lasterketa amaitu osteko zeremonia jende bati "antigoaleko samarra" iruditu dakiokeela, baina gehitu du ikusle gehienek maite dutela, "amets bat" bete zuela Frantziako Tourrean aritu zenean, eta kirol jarduerari "feminitate ukitua" ematen diola haien presentziak. Aitzitik, Laura Weislo Cyclingnews.com webguneko editoreak argi du neskek laga egin behar diotela arrakastadun gizonezkoen "dekorazio hutsa" izateari: "Txirrindularitza profesionalari dagokionez, hedabideek erakusten dituzten emakume bakarrak podiumeko modeloak dira. Kirol arloko desberdintasunak handitzen ditu horrek". Ikusgarritasuna eta tratamendua, horra gakoetako bi, arrazoi sakonagoetan murgildu gabe.
Saganen balentriak kasu isolatuak diren arren –guk bederen ez dugu besterik gogoratzen–, gero eta zale gehiagok eskatzen du podiumeko azafaten egitekoa birplanteatu dadila, modu leun batean esatearren. Etapak amaitzen diren herriko edo inguruko ziklista gazteak jarriko genituzke guk atleten ezker-eskuin, lasterketak musu-truk antolatzen dituzten boluntarioak, itzalean lan egiten duten horiek. Marka komertzialek eta ekitaldiak diruz laguntzen dituzten gainerako eragileek, ordea, argazki ponpoxoak bilatu ohi dituzte.
Gutxien gutxienez, H3 Harelbeke lasterketaren antolatzaileek erabaki dute kartel polemikoa publizitate euskarri guztietatik kentzea, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak desadostasuna azaleratu eta gero. | news |
argia-889cec7ffd46 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/amerikako-hizkuntza-gutxiagotuak.html | "Mugimendu euskaltzalea ezagutzea senide batekin topo egitea bezala izan da" | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2015-03-15 00:00:00 | "Mugimendu euskaltzalea ezagutzea senide batekin topo egitea bezala izan da"
"Zertarako lorpen guztiak, hizkuntzarekin batera nortasuna galtzen badugu?". César Pilataxi kitxuaren gogoetak zabaltzen du Beltzean Mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz dokumentala. Zer ari da gertatzen Atlantikoaren bestaldean? Euskaldunon esperientziak zer ekarpen egin dezake? Garabide elkarteak ondu du dokumentala.
Garabideren eta HUHEZI fakultatearen Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua egitera Euskal Herrira etorritako hainbat kide dira Beltzean Mintzo dokumentaleko protagonista. 45 minututan ondorengo hizkuntza komunitateak ordezkatzen dituzte: kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek.
Dokumentalaren lehen zatian, egoeraren gordina azaltzen dute: "Transmisioa moztu egin da", "Atzerapenaren sinbolo bilakatu dituzte bertako hizkuntzak", "Kitxua berehalako galeran sartu da", "Gurasoek haurrei beren hizkuntza erakusteari utzi diote", "Beldurra daukagu"...
Gaztelania eta portugesa nagusi diren Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikan, ehunka hizkuntza hitz egiten dira. Dokumentalak zazpi handienak jaso ditu, eta denen artean hamabost milioitik gora pertsonaren mundu ikuskera ordezkatzen dute. Horien egoera hain larria bada, galdera tristea geratzen da egiteko: nola ote daude gainontzeko ehunka hizkuntza eta milioika hiztunak?
Hizkuntza da kulturaren ardatza
"Maiaz dena da atseginago", "Ketxua hizkuntza gure bizimodua da", "Itzuli ezin diren hitzak dauzkagu hizkuntza guztietan, eta itzulita ez dute esanahi edo karga bera".
Dokumentalean aipatzen ez badituzte ere, gaztelaniaren izenean mendeetan eragindako zigor eta mota guztietako umiliazioek ziur izan dutela eraginik herri hauek hizkuntza beren kulturaren ardatz nagusitik ateratzeko.
"Nasa herriak lurraldearen defentsan oinarritu du kultura azken urteetan, eta hizkuntza bigarren mailan geratu da", dio Viviana Gonzálezek. Errituak, egutegi propioak, musika eta tradizioak mantentzen dituzte orokorrean denek, baina ados daude, mundu ikuskera propioa hizkuntzak ematen du. "Askotan gertatzen da geure hizkuntzari buruz kolonizatzailearen hizkuntzan aritzen garela", dio penatuta Marisol Cabrera aimarak.
Lan ildoak identifikatu eta ekin
Diagnosi ilunetik, ordea, lan esparruetara igarotzen dira. Asko dago egiteko: hezkuntza sistemak garatu, hizkuntzak modernizatu, alfabetoa bateratu nahuatlen kasuan, hizkuntzak teknologia berrietara egokitu, herri ekimeneko hedabideak sortu, erakundeetan hizkuntzaren aldeko jarrerak indartu… "Mundua gure hizkuntzan bizitzeko baliabideak jarri". Eta kontzientziak piztu. Harrotasuna transmititu.
"Ikaragarri gustatuko litzaidake maiaz bizitzea. Esnatzen naizenetik, gure hizkuntzan egunkari bat irakurri, telebista ikusi, haurra bere hizkuntzan heziko duten eskolara bidali… eta batez ere, maia hiztunek ez dezatela beren buruaren penarik sentitu".
Garabideko kideek Mexikon 60 bat nahual herritarrekin batera ikusi zuten dokumentala eta ikus-entzunezkoaren egileek adierazi dutenez, hunkigarria izan zen proiekzioa. Asko negarrari eutsi ezinik egon ziren lana amaitu bitartean. Euskaldunontzat bezala, herri askorentzat mendeetan jasandako kultura zapalkuntza zauri sakona da.
Euskararen herria senide
"Munduari erakutsi diozue posible dela hizkuntza bat berreskuratzea", "Inspirazio ederra", "Euskara oso erreferente garrantzitsua da", "Miresmena eragiten didate euskaldunek. Ausartak izateaz gain, bisioa izan dute". Ahizpa, arreba edo anaia handia.
"Niretzat, kitxua honentzat, euskararen herria ezagutzea, familiarekin topo egitea bezala izan da". Beren burua islatua ikus dezaketen herri bat deskubritu dutela nabarmantzen dute dokumentalean hainbatetan. Euskaldunon eta herrion antzeko mundu ikuskera aipatzen dute: "Kosmobisioa".
" Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik ; baieztapen horrek barru-barruan ukitu nau"; "Euskaldunok zirrikitua ireki diguzue. Azken 50 urteotako borroka eredua da guretzat"; "Euskal Herrian egon ostean, nire izaera kitxua indartuta noa, zuen laguntzarekin bidea egingo dugu".
Munduko 7.000 hizkuntzetatik erdia mende honetan desagertuko dela diote aditu batzuek. Denok penatzen gaitu albisteak, eta zientzialariak batean eta bestean desagertzear dauden hizkuntzen azken arrastoak erregistratzen ari dira. Inor gutxi ari da baina, hizkuntzen arteko berreskuratze teknika horizontalak eraikitzen. Komunitateetako gizarte zibilen artean zubiak eraikitzen, herri gutxietsiak ahalduntzen. Garabidek honetan dihardu.
Ez direla 18 pertsona diote dokumentaleko protagonistek, beren hizkuntza galdu nahi ez duten 18 herri baizik. "30-35 urte barru itzuliko gara esateko: 'Begira, gure haurrak beren hizkuntzan ikasten ari dira, hauek dira zuek irakatsi zenigutenaren fruituak'". Hizkuntzaren alde lan egitea justiziaren alde lan egitea dela uste dute.
Herri indigenek milaka urtetan garatu dituzten kultura eta hizkuntzak bazterrean utz al daitezke? Hori al da lankidetza? Euskaldunok, umiltasunetik, metatutako esperientzia partekatzeko ardura daukagula uste du Jon Sarasua dokumentaleko zuzendariak.
Eta emaitzak ematen hasi da. Bi aipatzearren, Ekuadorren hizkuntzen legearen aurreproiektua aurrera atera dute, haiek aitortu dute Euskal Herriko esperientziak eragin duela. Kolonbian Luuçx Lesxkwe izeneko eta nasa hizkuntzan funtzionatzen duen lehen "ikastola" sortu zuten orain bi urte. Ordutik, gora doa bertara bidaltzen dituzten haur kopurua.
"Euskara korapilo unibertsal bateko kide da, eta hizkuntza komunitate gisa, funtzio bat bete dezakegu", esan zuen Sarasuak dokumentala amaitzean. Andoainen aurkeztu zuten eta proiekzioak antolatzen ari dira leku gehiagotan: Eskoriatza, Oiartzun, Durango, Azkoitia, Otxandio...
Euskara munduan kokatzeko gure etxea izateaz gain, beste hizkuntza minorizatu batzuen paisaiara irekitako leihoa ere badela diote Garabidetik. Inongo harrokeriarik gabe, gu geu ahalduntzeko eta hizkuntzaren alorrean lanean jarraitzeko beste arrazoi bat gehiago. | news |
argia-6d1b4aa6191d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/emakumeen-ekarpenak-ikusarazteko.html | Emakumeen ekarpenak ikusarazteko | ARGIA | 2015-03-15 00:00:00 | Emakumeen ekarpenak ikusarazteko
Herriari zerbait ekarri dioten emakumeak ezagutarazteko asmoz jarri zituzten martxan duela bost urte Mariasun Landa Sariak Errenteria-Oreretan. Martxoaren 8aren bueltan banatu ohi dira. Eta, pixkanaka, erreferentzialtasuna hartzen ari da herriko idazle ezagunenetarikoaren izena daukan zita. Eredu interesgarri eta imitagarria beste herrientzat ere, urtero-urtero lortzen baitu historia nagusiak, ofizialak, gizonek idazten duten horrek hanka puntetan pasa dituen pertsonak lehen planora ekartzea.
Historia berreskuratzeko ariketa? Bai, baita gehiago ere. Zeresana duten emakumeen lana nabarmenduz, gaurko eta biharko emakumeek egiten dutenari ere merezi duen aitortza emateko aukerak biderkatzen baitira. Gertatutakoa berridaztea bezainbat da historia berria idazteko oinarriak jartzea.
Kalitatezko bederatzi lan aurkeztu dira aurten eta epaimahaiak bi sari eta bi aipamen berezi banatu ditu. Adineko emakumeen historiak izan dira protagonista 2015eko edizioan, Agustina Otaolarena esaterako. 1931n jaioa, 15 urterekin hasi zen erraketista profesional gisa jokatzen, familiako zenbait kideren pausoak jarraituz –lau osaba ere zeregin horretan aritzen ziren–. 1967an erretiratu zen frontoietatik, 41 urterekin eta garai hartako jokalari garrantzitsuenetarikoa bihurtuta. Non zegoen gordea nobela eder baterako ere emango lukeen historia hori? Ez, ez da kontu berria gizonezkoek egiten duten kirola argazki handitan argitaratzea, emakumeen balentriak albiste laburren tarterako utzita.
Kontatuak izatea merezi duten historiak dira. Formatu laburreko testuak (6.000 karaktere artekoak) saritu dituzte martxoan, baina aurtengo irabazleen artean badago arnas luzeagoko lanak idazteko aukera eman dezakeen lehengairik ere. | news |
argia-bca0bc535657 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/urumeak-eta-ebrok-uholdez-ospatu-dute-lurzoruaren-urtea.html | Urumeak eta Ebrok uholdez ospatu dute Lurzoruaren Urtea | Pello Zubiria Kamino | 2015-03-15 00:00:00 | Urumeak eta Ebrok uholdez ospatu dute Lurzoruaren Urtea
Gero eta ugariago gertatzen diren uholde handiak ez dira soilik klimaren aldaketaren ondorio. Mundu osoan ari da oso fite hondatzen lurzoruaren kalitatea, nekazaritza industrialaren eraginagatik eta, are larriagoa dena, hiriek beren handitzean gero eta lur eremu handiagoak artifizialtzen dituztelako, etxez eta azpiegituraz.
Politikoon lana da: konpondu itzazue herritarron arazoak, horretarako ordaintzen ditugu zergak. Hori entzun dute kolore guztietako agintariek urak harrapatutako jendeak ikustera joan direnean.
Baina askotan agintariek benetan konponbideak urri dauzkate adabakietatik harago heltzeko, ezarri litzaketen konponketak oso garestiak dira, eta batzuei arazoa gainetik kentzeko beste herritar batzuk izorratu behar dituzte.
Hilabete laburrean bigarrenez egin du gainez Gipuzkoan Urumea ibaiak otsail hondarrean; duela lau urte ere gainez egina zen. Ebrok, berriz, Nafarroatik hasita Kataluniaraino eragin dituen kalteak historian markatuta geratuko dira.
Uholde bakoitzak dauka beti berezitasunen bat, Urumeakoan aipatu da Añarbe inguruan jauzitako euri kopuru harrigarria, Ebrorenean elurte handiak, baina fenomenoa gero eta sarriago errepikatzen da Euskal Herriko eta munduko arroa guztietan. Ziklikoak direla egia da, baina uraren kudeaketan gertatzen ari da igelaren esperimentu famatu hartakoa: igela botatzen duzu irakiten ari den uretara eta salto egiten du, aldiz, ur epeletan utzirik lasai onartuko du berotuz joatea... egosita hil arte.
Uriola etxeko sukaldean, tailerrean edo bulegoan sartu zaionak ura madarikatzen duen arren, lurraldearen eta lurraren kudeaketan dago gakoa urarenean adina edo gehiago. Baliatu beharko genuke Nazio Batuen Erakundeak 2015. urtea Lurzoruaren Nazioarteko Urte izendatu izana orain arte egindakoaz gogoeta egiteko eta datozen hamarkadetarako aurreikusita dauzkagun astakeria berriak gelditzeko.
Lurzorua arazo? Begiratu Urumeari. Hasteko dago ibaiari arroan zenbateko zabalera murriztu zaion ziklikoak diren eta ugaritzen ari zaizkion salbuespen egoeretarako –hori baizik ez dira uraldiak–. Donostiako bokaletik hasita Hernanik Epelan daukan industrialderaino... zenbat metro kubikorentzako ahalmena galdu du bailarak 1960tik hona?
Urteotan etxe, industriagune, autobide sorta, AHT, erreken bideratze eta istorio eraikitzeko ibarrari ostutako eremuen inbentarioa egin beharra dago. Ibaiak kolpe berezi horietan dakartzan urek nonbaitetik pasa behar dute. Bestalde, eraikin berri guztiak aurrekoak baino goragoko mailan antolatzen dira, zaharragoak uraren mendera kondenatuz, eta zorua inpermeabilizatuz.
Loiolako edo Martuteneko herritar asko urpean aurkitu diren arte ez dira ohartu Donostiako Udalak bezala goragoko Ingurumen agintari guztiek baimenduta Loiolako erriberetan eraiki zuten etxe sailarekin errioari antolatu zaion inbutuaz. Astigarragako biztanle asko orain ohartu diren moduan Urumea Berri urbanizazioa zein burugabea den, eta zein kaltegarria mailaz azpirago geratu direnentzako.
Kaletarrek dutenez agintariengan presio ahalmen handiena, ibaien kalteentzako adabakiak antolatzeko lanek orain erdiz-erdi harrapatuko dituzte aspalditik bertan lasai bizi zirenak: zenbat etxe eta baserri ez dute bota edo bota beharko errioa bideratu nahi eta ezinean?
"Stop al Consumo di Territorio"
Ibarrari kendutako metro kubikoen handiaz gain, lurzoruaren artifizializazioa bera da arazo larria. Milaka urtez sortutako lurzoru aberatsa, landareak hazteko, aireko karbonoa finkatu eta euri urak xukatzeko gai dena, geruza bizi hori ordezkatzen da hormigoiz edo asfaltoz. Dinamika ez da asko aldatzen eskuinak agindu edo ezkerrak: agintariak pasatzen dira baina arkitekto eta ingeniariak ez eta hirigintza planifikatzen dutenak berezituak daude lur emankorrak antzutzen.
Honek ere uholdeekin zuzeneko lotura dauka. Eraikitako metro koadro bakoitza da euririk irensten ez duen metroa. Plangintza egileek dena egiten dute lekuetatik ura azkar bidaltzeko, ez lekuan gelditzeko. Bidetik edo kaletik estolderiara, hemendik errekara. Fuera zuhaitzak, urak atxikitzeko eremuak, ur-kolpeak arintzeko zabalguneak...
Munduan anitz lekutan oso kritikatuta dago lurra eta ura kudeatzeko molde hori. Leku batzuetan neurri zuzentzaileak jartzen hasi zaizkio, parkingetan ura xurgatzen duen zorua ezarri, autopista bazterretan euriak pilatzeko putzuak, bide bazterreko erretenak ez daitezela betonezkoak izan... Baina honetan ere Hego Euskal Herria oso da Espainia eta gure plangintza egile gehienak enteratu ere ez dira egin. Hormigoia jainko.
" Stop al Consumo di Territorio " kanpainak hori salatzen du Italian. Oraindik hormigoiztatu gabeko lurraren aldeko mugimendua antolatu dute: "Azken 15 urteotan hiru milioi hektarea inguru, nekazaritzako lurrak izanak, asfaltoz eta betonez estali dituzte".
Frantsesezko Wikipediak badauka Artificialisation izeneko sarrera (horregatik baimendu diogu geure buruari Xuxenek onartu ez arren euskaraz artifizializazioa erabiltzea) zeinetan dioen: "Frantzian 2011n lehengo Ekologia ministro N. Kosciusko-Morizeten arabera egunero bataz beste 165 hektarea lur galtzen da, hots, 1.650.000 m2 lurzoru natural eta laborantzarako gai, etxebizitza, errepide eta jarduera industrialetarako". Euskal Herrian zer?
Hemengoaz daukagu EHUn Geografia sailaren eskutik Eugenio Ruiz Urrestarazu eta Rosario Galdos Urrutiak 2013an plazaratutako ikerlana: " La pérdida de los espacios agrarios, la artificialización del suelo y forestación en España y el País Vasco ".
EAEn 1999tik 2009ra hamar urte laburretan euskaldunok egin dugun triskantza beldurgarria deskribatu dute: 1999tik 2009ra artean EAE osotasunean harturik artifizializatutako eremua %21 handitu da, laborantzarako edo basotarako zeudenak etxebizitzarako edo jarduera industrial nahiz komertzialetarako bilakatuta. Hamar urtetan ia laurden bat gehiago izan bada, datozen hamarretan...
Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO ingelesezko sigla ezagunetan) 2015.a Lurzoruaren Urte izendatu du, hil ala biziko lehengai honetaz mundu osoko herritarrak kontzientziatzeko: "Lurzorua baliabide ez berriztagarria dela esaten da, ez baita gizakiaren denboraren eskalan aski fite berritzen. Izatez, zentimetro bat lurzoru sortzen zientoka milaka urte joan daitezke". Europar Batasunak berak alarmaz aztertuta daukan artifizializazioak bioaniztasunarentzako, elikagaien ekoizpenerako eta abar dauzkan ondorioez gain zoruaren inpermeabilizazioa ere dakarkion kaltea.
Hemen, ordea, aipatzen da erreka eta errioak zulatu, hesitu eta gehigo artifizializatzea. Ez dute min gehiago baizik ekarriko. | news |
argia-2b6328c87ff1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/zapalduen-hiztegia.html | Zapalduen hiztegia | Estitxu Garai Artetxe | 2016-05-15 00:00:00 | Zapalduen hiztegia
Jaio bezain pronto hasten da kontua. Izena jartzen digute eta izen horrekin identifikatu behar dugula erakusten digute. Gainerako berba guztiak bezala, izenak ez dira adierazle neutroak, bakoitzak badu bere lurrina eta bere mundu ikuskera. Bilgune Feministak eta Emagin elkarteak kaleratu berri duten Izena eta izana ezbaian: gida praktikoa liburuxkak errealitate hori agerian jarri du. Izen askok genero-marka nabarmena dute, pertsona izango denaren nolabaiteko aurreikuspen edo proiekzioa, egokituko zaion rola.
Bide beretik doa abizenarekin, alegia, deitura soziala izango den horrekin, gertatzen dena. Aitarena lehenbizi jartzearen alde egiten dute bikote heterosexual gehienek. Ikuspegi erabat androzentrista nagusitzen da: arrunta aitarena lehenengo joatea da, hori da norma, amarena jartzea gizonezkoari "berez" dagokion eskubidea kentzea da. Hor hasten da boterearen, estatusaren eta prestigioaren eraikuntza sinbolikoa. Familiaren nukleoa aita dela eta mantendu beharreko ondarea gizonengandik datorkigula irudikatzen da.
Denboran urte gutxi batzuk atzera eginez gero, horrelako esaldia erabiltzen zuenaren jite ideologikoa agerian geratzen zen: espainolista, konstituzionalista, unionista… edo "demokrata"?
Gaur egun, ordea, erlaxazio terminologikoa sumatzen dut inguruan, ez da arraroa lelo abertzalea soinean daraman ikasleari tankera horretako esaldi bat entzutea: "Hemen, Espainian…"
Gerora, hitz egiten irakasten digute eta boterearen hizkera gure diskurtsoaren jabe egiten da. Konturatu gabe, berba egiten dugun aldiro aurretik ezarritako posizio politiko, ideologiko eta morala erreproduzitzen dugu. Edozein eremuko diskurtsoetan topa daitezke horren zantzuak, baita jardun politikoan eta ekonomikoan ere.
Ciudadanos izeneko alderdia sortu dute berriki, izenean bertan populazioaren –eta hortaz boto-emaile potentzialen– erdia kanpoan uzten duen alderdia. Hemen eta orain sortu da. Hemen? Non? Hemen, Espainian? Denboran urte gutxi batzuk atzera eginez gero, horrelako esaldia erabiltzen zuenaren jite ideologikoa agerian geratzen zen: espainolista, konstituzionalista, unionista… edo "demokrata"? Gaur egun, ordea, erlaxazio terminologikoa sumatzen dut inguruan, ez da arraroa lelo abertzalea soinean daraman ikasleari tankera horretako esaldi bat entzutea: "Hemen, Espainian…".
Nolanahi ere, akritikotasunak alor ekonomikoko hitzekin jotzen du goia.
Zenbat eta botere guneetatik hurbilago, orduan eta hitz tekniko eta ulergaitzagoak erabiltzen dira. Bada, horrek ez du galarazten gure egunerokoan txertatzea, barruan daramatenari erreparatu gabe. Milaka adibide jar genitzake, eufemismogintza eta hizkeraren perbertsioa etengabeak baitira jardun ekonomiko eta enpresarialean, baina horra gaurkotasun handia duen bat: zoritxarrez ia egunero entzun edo irakurtzen dugu han edo hemengo enpresan "lan erregulazioko espedientean" edo "ERE"an daudela, ohikoa den gaztelaniazko akronimoa baliatuta (zapalkuntzak baditu milaka aurpegi). Zergatik erabiltzen dugu patronala zuritzeko sortutako eufemismo hori?
Ohartu gabe hauxe onartzen ari gara: enpresa gaizki doa, hortaz, egoera erregulatu behar da. Benetan al doa gaizki enpresa? Eta gaizki badoa ere, hori "lana erregulatzea" al da? Zergatik ez diegu "kaleratze" deitzen? Eta zergatik patronala eta ez matronala? Gure hizkerak errealitatea egituratzen eta sortzen duela onartzen badugu, hitz egiteak ariketa autokontzientea eskatzen du. Zer diogu hitz egiten dugunean? Nahi duguna edo nahi dutena? Nik neuk, behintzat, eskertuko nuke zapalduon hiztegi bat osatuko bagenu, boterearen diskurtso hegemonikoetatik at bizi eta pentsatzeko aukera emango digun hiztegia. Burujabetza lexiko eta semantikoa da bide bakarra. | news |
argia-617f9e2b0f79 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/giza-eskubideen-zinema.html | Kontzientzian eragiteko tresna | Miren Manias | 2016-05-15 00:00:00 | Kontzientzian eragiteko tresna
Zinema eta giza eskubideak uztartuz, ikuslearengan gogoeta bultzatzea da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren helburua. Aurtengo XIV. edizioa apirilaren 15etik 22ra bitartean egin da eta askotariko ikuspuntuak bildu dituen programazio txukuna eskaini du, Euskal Herrian eta nazioartean ekoiztutako fikzio, animazio eta dokumentalez zein laburrez osatua. Emanaldi bakoitzean film luzearen aurretik proiektatzen dute film labur bat eta, hain zuzen, hori da Zinemaldiaren ezaugarri aberatsenetariko bat; ikusgarritasun aukera murritzagoa duten lanei lekua egitea.
Zinemazaleak ez ezik, giza eskubideei lotutako bestelako eragileak ere (elkarteak, adituak, biktimak, eta abar) hartzen ditu Donostiako egitasmoak eta gero eta lagun gehiago biltzen ditu. Audientziari bere burua pantaila handian ordezkatua ikustea gustatzen zaion seinale. Errealitate hori aintzat hartuta, lehendabiziko aldiz egin dute aurten Human Rights Film Network Forum Europarra. San Telmo Museoan, bi egun iraun zuen ekitaldian, Europako zinemagileak eta ekintzaileak migrazioaz eta giza eskubideen gaineko zinemaren inpaktuaz mintzatu ziren. Beste modu batean esanda, zinemak mundua aldatzeko gaitasunik duen ala ez galderari erantzuten saiatu ziren. Hori al da, ordea, zinemaren eginkizuna?
Forum europarra, eztabaidaleku
Xuban Intxausti Donostia2016ren baitako Europa Transit proiektuaren zuzendaria da eta proiektu honen funtsa gerra edo gatazkaren lekuko izan diren Europako hamar hiritan dokumetal bat egitea da. Hark bizitako esperientzien arabera, halako egoeretan kamera jartzen den momentuan "errealitatearen izaera naturala aldatzen da automatikoki". Oinarrian, kontatuko duenaren ondorioei die beldurra giza eskubideen urraketa sufritu duen biktimak eta, beraz, ez du inoiz modu garbian hitz egingo kameraren aurrean. Baldintza horretatik abiatuta, grabatuko duen egoera hori aurrez ondo ulertzeko dokumentazio lan berezia egin behar du zinemagileak. "Kanpotarra izanik, zaila da pertsona horien ahotsa jasotzea", dio Intxaustik.
Uste ohi da giza eskubideen gaineko zinemak erakutsi eta salatu nahi duela halako biktimen egoera munduko beste edozein txokotan. Hedabideek kontatzen ez duten errealitatea ipini nahi duela gure begien aurrean. Baina filmek badute bestelako erabilpenik ere. Intxaustik uste du zinemagilearen lana dela kontzeptu berriak aurkitzea eta horiek igortzea: "Ikusleari bakarrik ez, ordea, giza eskubideen zinemak eman diezaioke zerbait biktimari ere". Marc Serra da T arajal: desmontando la impunidad en la frontera sur (2015) dokumentalaren zuzendarietako bat eta berak uste du halako lanak saiatzen direla galdera honi erantzuten: zer gertatzen da? "Giza eskubideen zinemak balio du, gutxienez, urraketak ematen diren kasuak dokumentatuak gera daitezen, izan ere, gezur ugari esaten da". Horren ondotik, egoera horien gaineko gogoeta bultzatu behar du ikuslearengan.
Forum Europarrean parte hartu duten beste kide batzuen ustez, berriz, ez dago urruti joan beharrik giza eskubideen urraketa kasuak aurkitzeko. "Ohitura dago fokua kanpoan jartzeko, baina arrazismoa etxean bertan dugu", azpimarratu du Rosabel Argote CEAR Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko kideak. Areago, aitortu du indar txikia dutela gaur egun berak ordezkatzen duena bezalako erakundeen txostenek, horregatik, Argotek garrantzia ematen dio zinemak jendearen alderdi emozionalean eragiteko duen gaitasunari. Kontzientziak astintzeko.
Iñigo Mijangos SMH Salvamento Maritimo Humanitario taldeko kidea da, sorosle eta itsas salbamendu lanak egiten dituen irabazi asmorik gabeko Euskadiko erakundea. Haien lana da itsasoa zeharkatzera bultzatuta dauden errefuxiatuei laguntza ematea. Mijangos suhiltzailea da ofizioz. Salbamendu esperientzietan ikusi du errefuxiatuen aurkako jarrera oso hedatua dagoela jende arruntaren artean. "Hasiera batean, eman dezake biktimak artatzea gauza polita dela; pentsa, zonaldeko ekonomia (hotelak, jatetxeak...) sustatzeko balio dezakeela ere pentsatzen du askok. Arazoa, ordea, denborarekin dator". Horregatik dio herritarren kontzientzia lantzea ezinbesteko ariketa dela.
Eragile guztiak bat datoz aspektu horretan, baina azpimarratzen dute benetako arazoa egungo politika neoliberala dela. Hain zuzen, aginte mota horrek bultzatu du egungo giza eskubideen etengabeko bortxaketa. Giacomo Sferlazzo Lampedusa In Festival jaialdiko ordezkariak dio, "xede politikoen eta merkatu globalaren aginduz", pasaporteak berak sortu zuela lehendabiziko aldiz etorkin erregularraren figura. "Pasaportea da gure arteko ezberdintasunen oinarria". 1990era arte ez zen giza eskubideen gaineko legerik gauzatu eta etorkinen estatutua Europar Batasunarekin batera eratu zen ofizialki. Sferlazzoren arabera, giza eskubideak aldarrikatzen dituen Europa merkatuaren lurraldea besterik ez da. "Instituzionalizazioaren bitartez finantzatu ditugu errefuxiatuek egun bizi dituzten gatazka eta salbuespen egoerak. Militarizazioarekin, berriz, murriztu egin dugu minimora haien ongizate estatua".
"Giza eskubideen zinemaldietara erantzun bila dator audientzia". Hori uste du Tadeusz Straczek Watch Docs txekiar zinema jaialdiko arduradunak. Mota horretako zinemak, beraz, badu "kontra-informazio" funtzioa. Are gehiago, haren esanetan "zinemak ordezkatu dezake zerbitzu publiko bat". Straczekek sinesten du ikusleak ohiko hedabideetatik at dagoen errealitatea ezagutzean, bereganatzen duela argudio sendoagoak emateko gaitasuna. Jaialdiek, berriz, espazio espezifikoa eskaintzen diete giza eskubideei eta beste emaitzetako bat da mundu mailako eragileen arteko sareak eraikitzea.
Gatlif, erromantizismotik errealismora
Donostiakoak 2007tik saritzen du zinemaren alorreko norbait giza eskubideen alde egindako lanagatik. Aurtengo sariduna Tony Gatlif (1948, Aljeria) aktore, gidoilari, musikari eta zuzendaria izan da, hain zuzen, ijitoen errealitatea eta horien gizatasuna pantailaratzeagatik eta egindako ibilbide konprometituagatik. Bere zinemak izandako inpaktuaz galdetuta, ordea, garbi du: "Zinemaren helburua ez da mundua aldatzea, eragile politikoen ardura da hori". Aitortzen du hainbat urtez zinemaren bitartez egindako borroka aktibitate politikoa izan dela berarentzat, baina jada ez du gaztetan izandako erromantizismorik. "Ez naiz inozoa", dio.
Europar eredua salatu du Gatlifek.Bere ustez "mundu hau oso inaktibo dago. Erabat geldirik sumatzen dut". Frantzian, esaterako, politika arloa noraezean dago eta jende gutxi batu da giza eskubideak aldarrikatzeko. Horregatik, egungo egoera gordinak pertsonalki eragiten badio ere, zinemak eztabaidarako tartea soilik eskaintzen duela uste du, zinemagilearen pentsamenduak eta gogoetak helarazteko tresnatzat du, ez besterik.
Zinema mundua aldatzeko gai izan ala ez, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak pauso bat harago eman du aurten: Forum Europarrean parte hartu duten eragileen aitorpen bateratua argitaratu dute, europar estatuen migrazio-politika salatuz eta eteteko eskatuz. Sinatzaileek gogoratu nahi dute Europar Batasuna osatzen duten estatu guztien betebeharra dela herritar guztien giza eskubideak bermatzea, horien "naziotasuna edo jatorria zein den kontuan hartu gabe". | news |
argia-841ebf742b77 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/mirentxin-gidariak.html | Errepidean elkartasunari Mirentxin esaten zaio | Iker O�ate Aiastui | 2016-05-15 00:00:00 | Errepidean elkartasunari Mirentxin esaten zaio
Ostiral arratsaldea da, eta Kordobako espetxerako bidea errepasatzen dihardute Amaia Urkitzak eta Maider Huertak. Mirentxin Gidariak boluntario sareko bi kide durangarrek 20:00etan finkatu dute hitzordua herriko tabernan, kafesne bana hartu eta bideari ekiteko. Urtean birritan errepikatzen dute eszena.
AP-8, AP-68 edo M-40 ez dira formula matematikoak, Mirentxineko kideek astero ebatzi beharreko problemak baizik. "Lehenengo AP-8a hartu behar dugu, ostera AP-68a...". Bederatzi furgoneta eta hamahiru taldetan banaturiko 850 gidari inguruk osatzen dute Mirentxin. Taldearen elkartasun sarea, baina, ez da hor amaitzen. Ezin daitezke ahantzi furgoneten mantenuaz eta bidaien koordinazioaz arduratzen direnak. Sare handia, presoen senide eta lagunen zerbitzura; bidaia luzeak "laburtzea" beren xedea. 1999ko urrian sortu zenetik, boluntario sarea zabaltzen dihardu Mirentxinek. Elkartasuna ardatz.
Abadiñoko Matiena auzoan hitzartu dute lehen parada, Isidro Gabirondo dute zain, Ibon Muñoa euskal presoaren laguna. 20:25 adierazten du ordulariak, eta Matienako San Blas ostatura abiatu da furgoneta gorria. Gaua ate joka. "Ai, argia! Nire autoan bere kabuz pizten da eta!", dio Maider Huertak. Berak egingo ditu ibilbideko lehen kilometroak.
Furgoneta Matienara heldu berri, esku balazta eragin du gidariak. Gabirondo tabernako mahai batean dago eserita, bideari ekiteko prest. Bidaiari bat gehiago Bilborako bidean: Kordobako ziegetan dauden lau euskal presoren senide eta lagunak dituzte zain Atxurin. Berandu doaz. Kezkaturik. "Familiak urduri jartzen hasiak izango dira", esan du Urkitza boluntarioak.
Bilbon barrena doa furgoneta; aurreikuspenek kale egin, eta Atxurira heltzean lehen arazoa: ez dago denentzat lekurik. Urduritasuna areagotu da gidarien artean. "Arazoren bat gertatzen bada, urduri jartzen zara. Presoen senide eta lagunak garaiz eraman nahi dituzu espetxera, bisita gal ez dezaten", adierazi du Huertak. Baina arazoa ez da horren larria. Jon Kepa Preciado presoaren lagunek badute irtenbiderik; Iraia Urraca eta Asier Gomez autoan joango dira Lopidako (Araba) zerbitzugunera. Durangarrak bertan elkartu dira Kordobara doan bigarren furgonetarekin. Lau gidari eta bi furgoneta, 818 kilometro egiteko prest.
Mirentxineko furgoneta orok egin beharreko geralekua da Lopida eta hori nabari da zerbitzuguneko tabernan. Bidean jaso ezin badituzte, boluntarioak bertan elkartzen dira presoen senide eta lagunekin. Espetxetara doazenek albo batean dituzte pilaturik kartzelarako poltsa koadrodunak, motxilak... Kanpoan, berriz, lau furgoneta. "Gaur gidari lanak egitea dagokigu", dio Murtziara doan gidari oñatiarrak. Elkartasun izpiak Lopidako gau ilunean. Kordobara doan bigarren furgoneta ere bertan da; Maritxu Arostegi eta Joseba Agirrezabala dira gidariak, eta Igor Porturi bisitan doan Ilargi Iraizoz izan dute bidelagun Egia (Donostia) eta Lopida bitartean.
Bederatzi furgoneta eta hamahiru taldetan banaturiko 850 gidari inguruk osatzen dute Mirentxin
Ordu erdiz Lopidan afaltzeko tartea izan ostean, 22:30 ordularian eta bidaiarekin jarraitzeko unea. Zortzi pertsona doaz Kordobara bisitan, bi furgonetetan. Zortzi ordu dituzte aurretik; eroso jartzea beharrezkoa da. Furgonetaren atzealdean doazen hirurek horizontalean jarri dute eserlekua. Dena prest dute lokartzeko. Hastera doa terapia. "Mirentxinekin bidaiatzea terapia ere bada; denok gaude egoera berean eta gaitzari aurre egiten laguntzen du", dio Xabin Usandizaga presoaren arreba Izaskunek.
Burgoserako noranzkoan doaz bi furgonetak. Ilargia lagun eta kamio amaiezinak aurretik. Hutsik dago errepidea, kamioiak eta garraiolarien furgonetak besterik ez; noizean behin, automobilen bat edo beste. Iparraldeko autobidean barrena, Tijuana in Blue taldearen abestia, "Qué haces tú? Qué haces tú? Que no bailas con Tijuana in Blue ?". Musika bizia, dantzagarria, loaren tentazioari aurre egiteko.
Bidaiariak lokartu dira. Gidarien noizean behineko hizketaldiek eta musikak besterik ez dute furgonetako isiltasuna apurtzen; tarteka, zurrunga ahulen bat.
Maider Huertak eta Amaia Urkitzak 2014an erabaki zuten Mirentxineko kide izatea. "Jende beharra zegoela esan zidaten; Amaiari bikote gisa sartzea proposatu nion eta baietz esan zidan", dio Huertak. Ordutik, urtean birritan bisitatzen dituzte espetxeak. Hiru espetxe ezagutu dituzte orain arte. Presoen egoera aldatuz doa urtez urte eta horrekin batera, senide eta lagunen beharrak; presoak lekualda ditzakete, esaterako. Momentuan momentuko egoerara moldatu behar izaten du Mirentxinek. Gaur-gaurkoz, 370 presotik gora daude Espainiako eta Frantziako estatuetako 71 espetxetan sakabanatuta (2016ko apirilaren 27ko datua).
Lopidatik irten direnetik hiru ordu eta erdi igaro direnean, Madrilgo errepidean barrena doaz furgonetak. Joaneko bide erdia dute egina; oraingoz, aparteko arazorik ez. Joseba Agirrezabalak badaki zer den arazo mekanikoek eraginda bide ertzean gelditu behar izatea. "Duela zenbait urte, Alacantera gindoazela, furgoneta matxuratu zen. Ez genekien non geunden. Aseguru etxera deitu eta taxi bat bidali ziguten. Espetxera joatea erabaki genuen, nola itzuli jakin gabe. Espetxera heltzea da garrantzitsuena, senide eta lagunek presoa bisita dezaten", dio.
Errespetu handia diote errepideari, 1982tik hamasei baitira bidean bizitza galdu duten senide eta lagunak
Kilometro asko, espetxe ugari eta bidaia anitz; bederatzi furgoneten asteroko errutina. Horrek, noski, astez asteko mantenua izatera behartzen ditu eta tarteka, zenbait pieza konpondu behar izaten zaizkie. Finean, gastuak. Senide eta lagunak dira, Mirentxineko boluntarioekin batera, gastu horiei aurre egiten dietenak. Urtean zehar dirua biltzeko zenbait ekimen abiatzen dituzte.
4:20 ordularian. 223 kilometro Kordobara iristeko. Arazorik izan ezean, presoen senide eta lagunak garaiz iritsiko dira bisitara. Izaskun Usandizagak eta Jose Martínezek 8:00etan egon behar dute bertan, vis a visa eskaini baitiote Xabin Usandizaga presoari; urte bat daroate elkar ikusi gabe. Ilargi Iraizozek ere vis a visa du Igor Porturekin. Gainerakoek 9:00etan egon behar dute espetxean, egin beharreko kontrolak egin, eta 10:00etan presoari bisita egiteko.
Furgonetak garaiz doaz. 6:30 ordularian eta Pedro Abad herrira irisi berri dira; bertan egingo dute lo Mirentxineko gidariek, Macami ostatuan. Lotarako beharrezko dutena hartu eta badoaz ostatu barnera. Nekea nabari da beren begietan.
Bisita aurretik, urduritasuna
Espetxetik 20 kilometrora dago Pedro Abad. Lander Fernandezek, Jon Kepa Preciadoren lagunak, eramango du furgoneta espetxera. Fernandez ere preso egon zen; Estremeran (Madrid VII) ezagutu zuen Preciado 2013an. "Barruan egon garenon bisita ere eskertzen du presoak, badakigulako zer den hor egotea", dio. Lehen ez bezala, egun preso ohiei ere bisitak onartzen dizkiete.
Halako batean, "Salida al centro penitenciario" dioen seinalea bide ertzean. "Begira, hortxe dago espetxea", dio Fernanedezek. Errepidetik ikus daiteke presondegia. Gau ilunean, fokuz beteriko eraikinak. Aurpegia aldatu zaio Fernandezi, sentimendu nahasiak bere barrenean.
7:00ak jotzeke, Kordobako espetxetik kilometro eskasera dagoen zerbitzugunean gosaltzea erabaki dute senide eta lagunek. Zukua, kafea eta tostada artean, kirolaz, politikaz edo aspaldiko anekdotez ari dira. Edozerk balio du bisitak sortzen duen tentsioari aurre egiteko. Hala ere, zaila une batez bisitaz ahaztea; eta ezinezkoa, beharbada, zerbitzuguneko aparkalekutik espetxea ikus daitekeela kontuan izanda. Motorzale bat lurrean lo, Guardia Zibilak goizeko kafea edaten, tabernako langileak iristen...
Urte luzez Malagako espetxera anaiari bisitan egin behar izan dituen bidaiak ekarri ditu gogora Isidro Gabirondok. "Irunetik Malagara zihoan autobus pirata zegoen, tabernetan eta dendetan eros zitekeen txartela; horrela joaten nintzen Malagara 1989 eta 1992 bitartean", azaldu du. Orduan, baina, bisitak 20 minutukoak ziren, presoek ez baitzuten bisitak pilatzerik. "Behin edo behin hamar minutuko bisitarako ere joan izan naiz Malagara, anaiari zigorra jartzen ziotenean", gaineratu du. Juan Maria Gabirondo preso ohiaren anaia da Isidro Gabirondo.
Izaskun Usandizaga, presoaren senidea: "Mirentxinekin bidaiatzea terapia ere bada,
gaitzari aurre egiten laguntzen du"
Mirentxinek senide eta lagunei egiten dien ekarpena ere presente dago hizketaldian. Esker on hitzak besterik ez. "Guk asko zor diogu Mirentxini. Izugarria da etxetik irten, furgonetan sartu eta bidaiak eragiten duen kezka saihestea", adierazi du Gabirondok. "Bisitaz gozatzeko aukera eskaintzen du Mirentxinek; bisitara nekatuta heltzen zara bestela", gaineratu du Fernandezek.
Presoen senide eta lagunek 9:00etan egon behar dute presondegian. Baina urduritasuna gailendu, eta espetxerantz abiatzea erabaki dute. 8:25 ordularian. Hastear da presoa bisitatzeko igaro beharreko kontrol sorta. Presondegiko aparkalekuan daude bi furgonetak. Presoei megafono bidez helaraziriko oharrak, senide eta lagunak hesiaren bestaldera –barrura– begira... Finean, espetxe atariko giroa.
Kristalaren bi aldeak
9:00etan igaro behar dute lehen kontrola: izena ematearekin batera, hatz marka. Gero, ordubete itxaron behar dute bisita gelarantz abiatu aurretik. Buruari bueltak emateko denbora aski da ordubete. Zer esango diot? Nola agurtuko dut? ... "Behin barrura sartuta, pentsatuta zenuen guztia ahazten zaizu", esan du Ander Robadorrek, Oskar Kalabozoren lagunak.
Bitartean, barruan daude Izaskun Usandizaga, Jose Martínez eta Ilargi Iraizoz, Xabin Usandizagarekin eta Igor Porturekin vis a visean. 9:00etan hasi dute bisita; presoarekin ordu eta erdiz egoteko aukera izango dute. Izaskun Usandizagak eta Jose Martínezek argazkiak eraman dituzte, baina kontrolean ez diete guztiak sartzen utzi. "Gutun bidez bidaliko dizkiot gainerakoak", esan du Usandizagak.
Kartzelako langile batek barrura sartzeko dei egin die presoen senide eta lagunei. 9:50 ordularian. Bisita gelara bidean kontrol gehiago dituzte igarotzeke: metalen detektagailua eta hatz marka.
Azkenean, iritsi dira bisita gelara. Hastera doa. Patioko atea ireki dute, eta barrura sartzen hasi dira presoak; irrintzi egin du horietako batek. 40 minutuak hasi dira. Gauza asko kontatzeke. Atzera kontua.
Mirentxinen sustraiak
Mirentxin Gidariak izenaren jatorria ez da horren ezaguna. Mirentxin Aurrekoetxeak preso zuen senarra, Algecirasko espetxean; ez zuen bisitan joateko modurik. Egoeraz jabeturik, Aurrekoetxea eta haren bi alabak Algecirasko espetxera eramateko prest azaldu zen izenik eman nahi ez duen boluntarioa; oraindik ere Mirentxineko gidaria da. "Beren laguntza jaso izan ez bagenu, bisita gutxi jasoko zukeen nire aitak", dio Mirentxin Aurrekoetxearen alaba Araide Legarreta-Etxebarriak. Denborarekin, lagun sare bat sortu, eta Euskal Herrira jauzi egitea erabaki zuten. Mirentxin Gidariak bataiatu zuten proiektua. "Duela urte batzuk nire familia laguntzeko sorturiko ekimenak senide eta lagun askoren egoera arintzeko balio duela ikusteak hunkitu egiten nau", azaldu du.
Maider Huerta, boluntarioa:
"Presoen senide eta lagunak garaiz eraman nahi dituzu espetxera, bisita gal ez dezaten"
Baina bisita orok du amaiera. 47 minutu izan dituzte presoarekin hitz egiteko, eta jada irten beharra dute. Hori bai, bueltako bidea hartu arretik, vis a visean daudenak itxaron behar dituzte; 11:30etan irtengo dira. Bisitatik irtenda, ba, espetxeko atarian daude, 47 minutu horietan bizi izandakoaz hitz egiten: nola doakien, zertan diharduten ... Taxi gidari bat gerturatu zaie halako batean. Enrique Heredia, Kordobako espetxera bisitan doan euskal herritar orok deitzen duen taxi gidaria. Presoen senide eta lagun ugari ezagutzen du eta konfiantza aski du beraiekin. Gabirondori, esaterako, Eibar futbol taldearen inguruan hasi zaio hizketan. "Azkenean ez zinen Eibar eta Kordobaren arteko norgehiagoka ikustera etorri!", erantzun dio Gabirondok. Irteten hasi dira vis a visekoak.
12:00ak iristear, Mirentxineko gidariak batzeko ordua. Ostatu kanpoan daude, mahai batean eserita, gosaltzen. Presoen senide eta lagunak beraiekin eseri dira, bidaia hasi aurretiko azken otordua egiteko. Bermuta, kaña edo kafea, txigorki eta txokoen laguntzarekin. Hizketaldiak, irriak eta tarteka, elkarren arteko isekak. Betidanik elkar ezagutzen duen lagun taldea dirudi. Gustura daude, baina bueltako bideari ekin beharra diote, berandutu egingo zaie bestela. Oraindik ordu asko dute egiteke.
Etxera buelta
Bi furgoneta Espainiako errepideetan barrena, etxera lehenbailehen iritsi nahian. Ordulariari begiradak. Madrilen sekulako ongi etorria: euria barra-barra eta trafiko izugarria. M-30 errepidea hartzea erabaki dute gidariek, bidea laburragoa delakoan. "Laburragoa bai, baina arriskutsuagoa", esan die Gabirondok. Errespetu handia diote errepideari, 1982tik hamasei baitira bidean bizitza galdu duten senide eta lagunak. Istripua ezin daiteke aurreikusi.
Nekea nabari da senide eta lagunen begietan. Ordu asko errepidean. Ordulariak 22:00 adierazten duenean, Bilbon da furgoneta gorria. Abandoko metro geltokiaren alboan utzi ditu bidaiariak. Bakoitza bere aldetik joateko ordua; hurrengo bidaian ikusiko dute elkar. Dena den, urtean zehar badituzte hitzorduak elkarrekin egoteko. "Mila esker neskak. Izugarria da egiten duzuena, inoiz ezin izango dizuegu ordaindu", eskertu die Usandizagak adio esan aurretik.
Amaitzen ari da gidarien elkartasun asteburua. Durangora bidean doaz, senide eta lagunen esker on hitzekin hunkituta. Badakite sei presoren bisita ahalbidetu dutela, beraiengatik izan ez balitz, beharbada Kordobara bidaiatu duten zortzi senide eta lagunek ezingo luketela bisitan joan.
Nekaturik, baina indarberrituta daude gidariak, ematen dutena baino gehiago jasotzen dutenaren sentsazioaz. Eman eta jaso. Larunbata da, 23:30 ordularian; eta Durangon da furgoneta. Amaitu dute 27 orduko bidaia. | news |
argia-7f9b40d42f6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/irla-natura-eta-senaren-indarra.html | Irla, natura eta senaren indarra | Iker Barandiaran | 2016-05-15 00:00:00 | Irla, natura eta senaren indarra
Capsula talde bilbotar-argentinarra ezaguna da orriotan, eta oro har, Euskal Herriko eta kanpoko rock eszenan. Musikarako bizi dira (ez da hain justu musikari esker bizitzea), kategoriazko diskoak eta zuzenekoak egiten dituzte eta bi hamarkada luzetan ahal izan duten leku guztietan jo dute. Asko dira ibilbide horretan egindako lorpenak: horien artean, nabarmenenak Austingo (AEB) SXSW jaialdi entzutetsuan urtero parte hartzeko plaza lortu izana, Bowieren eskuineko beso den Tony Viscontirekin grabatu izana eta Ziggy Stardusten omenezko luxuzko emanaldia hainbat alditan gauzatu izana. Aurten, baina, albiste dira beste bi arrazoirengatik: bata, Pearl Jam taldeak Argentinako emanaldi bakarrerako kontzertua egiten gonbidatzea; eta hamaikagarren diskoa, Santa Rosa, argitaratu izana.
Iaz argitaratuko Dead or alive zuzenekoaren ostean, kantu berriekin datoz Martin, Coni eta Guantxe; azken hau donostiarra eta Teen Dogs, Señor No, Lobo Electrico eta Inoren Ero Ni taldeetan ibilitako bateria jotzaile puntakoa.
Honako diskoak badu betiko Capsulatik (rock bizia, garagea, psikodelia…); ekoizle mitikoei atseden eman eta Bilbon taldeak duen Silver Recordings estudioan kantuak grabatu eta nahastu dituzte, Martin L. Guevara taldekideak ekoizle lanak eginez, eta emaitza Eduardo Bergallok masterizatu du Puro Masteringen, Argentinan.
Funtsean 70eko hamarkadako ukitu txikiagoa du: Dirty rat ek Hendrix eta Beasts Of Bourbon soul-arekin mozkortu ditu, oso itsaskorra da. Candle candle zamalkada post-rockeroaren eraginez misteriotsuagoa bilakatzen da. No contestas piezak garage-punk taldeen soinua du eta surf ilun eta gizatxarrenean murgiltzen da Dead Kennedys edo Niños con Bombasen mehatxupean. Tierra girando ere Jello Biafraren eraginpean dago, baina elektro oso ilun, intentsu eta inguratzailera mudatzen doa. Hikikomori rock gogorra da, petacoko glama, ia pub-rockeroa. Santa Rosa ren ukitu hippieak iruzur egiten digu, kantuak urakanaren begira eramaten gaituelako. Dali's face Cramps, B52's eta Dead Kennedys purua da, iluna, lehergarria eta dantzagarria. Moving mutant pop, psikodelia eta rock klasikoa da. Past lives kantuak Dylan distiratsuenarengandik edaten du Flying Nunen lainoek harrapatu artean. Burning heartsek taupada latinoa du eta garage autentikoenaren arrasto eta irakinaldia. Everything you want new wave da, eta baita estadio-rocka ere, hit! bat. They are new models garage-punk-rock potentea da eta, gainera, itsaskorra. You're part of the sun bukaera gabeko kiribila. Eta CDan bonus track gisa, Delirium Tremensen Ikusi eta ikasi hirukoteak lehen aldiz euskarari helduz. | news |
argia-eb9054c2f2f1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/ogibidea.html | OgiBidea | Irati Sarasua Arabaolaza | 2016-05-15 00:00:00 | OgiBidea
Mahaiaren bueltako harreman gehienetan presente egon izan da ogia, eta horren adierazle da gaztelaniazko compañero hitzaren jatorria: ogia partekatzetik dator. Prozesu osoa egiten duten bi baserritan izan gara eta eurek azaldu digute nola egiten duten, eta ogi industrialekiko dagoen aldea.
Ura, irina eta gatza. Horixe da ogi artisau ekologikoaren osagai zerrenda, okinen eskuek eginiko lanaz eta emandako goxotasunaz gain, sekretu bakarra. Hiru lehengai horiekin egiten dituzte astero 300 ogitik gora Xabier Odriozola eta Eneka Lazkanok, eta Leire Albisu eta Asier Bastarrikak. Bi bikoteak Biolur elkarteko okin taldeko kide dira, eta euren egunerokotasunak antz pittin bat badu.
Errezilgo Solaka baserrian Odriozolak eta Lazkanok bost urte daramatzate ogia egiten, eta Aiako Goiabe baserrian bizi diren Albisu eta Bastarrikak zazpi. Guztiek izan zuten inflexio puntu bat bizitzan; etxetik kanpo egiten zuten lan, eta egun batean naturatik gertuago sentitzeko, ogibidea aldatzea erabaki zuten. "Orain guk markatzen dugu zer nahi dugun, noraino heldu nahi dugun", dio Lazkanok. Gustura daude bi bikoteak: "Ez dakit ekonomikoki errentagarria den ala ez, eta lan handia du, baina bada polita ogia egitea", esan du Albisuk. Euren helburua bikotearentzat bizimodua ateratzeko modua egitea zela dio Lazkanok, "askoz gehiago espero gabe, aberasteko asmorik gabe", eta helburua momentuz behintzat lortzen ari dira.
Lanbide bilakatu zutenetik, astean bitan egiten dute ogia, eta gainontzeko egunetan ere hari loturiko bestelako lanak egiten dituzte. Errezilgo familiak, esaterako, ia prozesu osoa egiten du: garia erosi, errotan eho, galbahetik pasa, ogia egin, saldu, banatu, kontabilitatea egin… Beraz, ederki ezagutzen dute prozesu osoa. Aiako familiak irina erosi egiten du, baina gainontzean antzeko prozesua egiten du.
Orea ogi bihurtu arte
Ogia egiten hasi aurreko egunean hasten da prozesua; aurreko ogi-alditik gordetako orantza, ore ama, handitzea da lehenengo lana. Horrek astebeteko prozesua behar du berez, ura eta irina landu behar baitira. Dena dela, okin gehienek aurreko labekadako ore zati bat gordetzen dute hurrengoan oinarri gisa erabiltzeko: "Lau aldiz biderkatzen dugu legamia, pentsa, batetik ehundik gora ogi ateratzen ditugu", dio Bastarrikak.
Ore hori ura eta irinarekin nahastu eta leku epelean uzten dute, sei ordu inguruz, bitarte horretan legamiatu dadin. Sei ordura berriro egiten dute, eta gauean hirugarren aldiz. "Azken horrekin ogia izango denaren orea egiten dut, eta aurrekoetan ez bezala, gatza eta olioa gehitzen dizkiot. Ondoren, oratzailean bueltak ematen dizkiogu, glutena garatzeko", Albisuk buruan urratsak ondo irudikatuta ditu. Horren ostean, pisatu, bolak egin, moztu, eta atseden hartzen uzten dute. Gero, 3-4 ordu pasatu ostean, sartzen dute labean. Egun berean labekada bat baino gehiago egiten dutenez, eta urrats asko direnez, prozesuak tartekatzen dituzte egunean zehar. Oratzailean bueltaka egongo da zati bat, eta bitartean, beste zati batekin bolak egiten ariko dira: "Zortzi labekada direnez, bakoitzaren prozesua bestearekin tartekatzen dugu".
Artisau ogia vs industriala
Normalean ogi artisauaren eta industrialaren arteko bereizketa egiten da. Baina bada bereizketa horrekin bat egiten ez duenik ere; Bastarrika, esaterako. Berak hiru ogi mota ikusten ditu argi, industrialaren barnean bi mota ezberdintzen baititu: industrial kimikoa eta industrial ekologikoa. Azken horri ekologikoa deitzen bazaio ere, argi dio horrek ere ez duela eurenarekiko antzekotasunik: "Araudi ekologikoa asko malgutu da eta izoztutako masa eta gehigarriak onartzen dira. Ekologikoak ez direnean horien kopurua handiagoa izango da, baina ekologikoak ere baditu". Ogi artisauak zereal ekologikoarekin egiten dituzte, eta ez dute produktu kimiko sintetikorik izaten. "Oinarrizko materia guztiak hain dira sinpleak, ez du inongo gehigarririk. Osasunerako askoz hobeak direla argi dugu".
Ogiek etiketarik ez izateari ere erreparatu dio Goiabe baserriko bikoteak. Nabarmentzen dute edozein elikagaik duela etiketa bat, eta ez dutela ulertzen ogiak ez izatearen arrazoia. Argi eta garbi esan dute: "Ez da berdina jangarria eta elikadura".
Askotan "artisau" hitzari loturiko guztia garestitzat jotzen dela uste dute, eta hori ez dela horrela: "Konprobatu dugu industrial arrunta eta gure ogiaren artean ez dagoela prezioan alde handirik. Merkeagoak direla dirudien arren, pisuan jarriz gero ezetz ikusiko genuke. Gainontzekoa haizea baita". Denda batean frogatu zuten hori, bertan saltzen zuten ogi arrunta eta eurena konparatu zituzten, eta 10 zentimoko aldea zegoen. "Ekologikoa izatea ez da luxu bat, askotan eliteko zerbait dirudi, baina ez da horrela, denen eskura beharko luke". Ogi hau, beste hainbat ez bezala, ondo gordez gero, hiru egunez oso ongi mantentzen dela ziurtatzen dute, eta astebetera xerra bat berotu eta "samur-samurra" geratzen dela ere bai.
"Munduko ogi onena" beraiena dela behin baino gehiagotan esan diete aiarrei; "munduko ogi guztiak ezagutzen ez dituztela erantzuten diegu halakoetan", dio barrez Bastarrikak. Eta horri berehala gehitu dio beste lore bat Albisuk: "Gure ogiak Redbullak baino mendekotasun handiagoa sortzen duela esan zidaten". Edonola ere, hain ona ez dagoenean ere esatea faltan botatzen dute: "Beti ez da berdin ateratzen, eguraldiak, haizeak, hezetasunak, ilargiak… guztiak du eragina ogian. Gauza bizi bat da, ez da beti berdina".
Bi familien ogiak denda bertsuetan eros litezke; Azpeitia inguruko, Hernaniko, Eibarko, Andoaingo, Villabonako, Donostiako eta Zarauzko denda ekologikoetako, denda txikietako eta harategietako apalak betetzen dituzte.
Azidoagoa
Ogi artisau ekologikoak jogurtaren antzeko zaporea duela diote, horixe dela berezitasun nagusienetako bat. Zapore horren ondorioz, ohiko ogiek edo ogi arruntek baino gatz gutxiago erabiltzen dute. Osasungarriagoa ere badela ziurtatzen dute, bitamina eta mineraletan ogi zuria baino aberatsagoa dela, besteak beste.
Errezilgo eta Aiako baserrietan ogi mota bat baino gehiago egiten dute: espeltaz, gariz eta zekalez. Errezilen ogi zuria ere egiten dute, baserrietan ohikoa dena, baina garbi dute euren kuttunenak gainontzeko hirurak direla.
Albisuk nabarmendu du Biolur elkartean galdetuta ikasi litekeela ogia egiten, berak ere hainbati erakutsi diela, baina aitzindariak Xabier Akizu eta Marilu Gardoki Ezkio-Itsasoko Hariztizabal baserrikoak direla, eta egun Gipuzkoan ogia egiten duten gehienek eurekin ikasi dutela. Eskertzeko moduko lana egin dutela diote. Azaldu duenez, badaude gourmet moduan ogia egiten dutenak ere, "halako irinarekin honelakoa ateratzen da… irakurri izan dut nonahi", irribarre egin du kontatzean. Argi diote guztiek, euren ustez, edonork egin dezakeela ogia. "Denbora da ogia egiteko beharrezkoa den bakarra, etxe guztietan lortu liteke ogi goxoa egitea", esan du Lazkano okinak.
Bi baserrietan nabarmendu dute prozesua hasieratik amaierara ezagutzeko parada dela gauza ederrenetako bat, dena eurak kontrolatzen dutelako. Euren esku ez dagoen bakarra garia da. Baina hori ere nondik ekarri eta zein nekazariri erosi taldean erabakitzen dute, Biolurren dauden okinen artean. "Araban eta Nafarroan erosi izan dugu. Dena den, aurten Burgostik ekarri behar izan dugu, hemen ez dugulako lortu. Baina ahalik eta gertuen eskuratzen saiatzen gara", dio Lazkanok.
Garia hazten ikusten
Gipuzkoan garia ereiten ere hasi dira. Eibarko Sosola baserria, Errezilgo Irure txikikoa eta Errezilgo Solaka baserriko familiek parte hartu dute bertan: "Gure etxe inguruko sail txiki bat hartu eta garia erein dugu bertan", dio Lazkanok.
Iaz, lehen saiakeran, emaitza oso onak izan zituztela diote: "Gure etxean behintzat esperientzia oso ona izan da, eta horregatik errepikatu dugu. Orain Bretainiatik ekarritako zazpi barietateko nahasketa hazten ari da gure etxe aurreko lursail txiki batean". Dena dela, arazo batekin egin dute topo: iaz 600 kilo jaso zituzten, eta kopuru horrek bi hilabetez soilik asetzen ditu euren beharrak. Beraz, oraingoz, ez dute etxe alboko lurretan behar adina gari ateratzea lortu. Horri ere irtenbidea bilatzeko asmoz, iaz jasotako zati bat Nafarroako ekoizle bati eraman zioten, berak hektarea batean erein eta gehiago zabaldu zezan.
"Klimagatik eta orografiagatik lur gutxi dago garitarako, baina ardoa egiten duenak mahatsa ezagutu behar duen bezala, guk gariaren prozesua zein den eta nolakoa den jakin nahi dugu", dio Lazkanok. Hala, ogiaren sekretu guzti-guztiak eskuetan izango dituzte. | news |
argia-98805ce7561b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/fruitu-berri-bat.html | Fruitu berri bat | Jakoba Errekondo | 2016-05-15 00:00:00 | Fruitu berri bat
Portugalgo erramuaz ( Prunus lusitanica ), honela dio Wikipediak: Euskal Herrian desagertutzat ematen zen, baina ale bakan batzuk topatu ondoren, orain espezie mehatxatuen zerrendan dago. Gure lurreko landare berezia da. Toki epelak eta hezeak gustatzen zaizkio, erreka inguruak, behe laino tokiak... Prunus generoko gainontzeko espezieen antzera (muxika, abrikota, elorri beltza, arana, arbendola, paraguaioa, gerezia, ginda, oilarana...), hezurra du fruituaren barruan. Koxkor hori heldu-heldu eginda ere mikatza zaigu, eta ez dugu jaten; eskinoso, zozo, birigarro eta antzekoen pagotxa!
Egunen batean hasiko ote gara zuhaitz hori arbola bihurtzeko bidea egiten? Beste fruitu arbola guztiekin milaka urtean egindako lana honekin ere egin izan balitz, honezkero erramu horren aleak jaten ariko ginateke. Bidea ez da zaila, baina bai luzea: zuhaitzetan gure gogoko ezaugarriak dituztenak aukeratzea. Eta berriro hautatzea. Eta ondorengoen artean berriro hautatzea. Etengabeko hautatze bat da fruitu arbolena. Gure gustua aldatzen doa, eta berritasunak maite ditugu. Dotorezia punttua antzematen diogu beste inork baino lehenago zerbait ahoratu-eskuratu duenari...
Hautatze bidean, fruitua da bilatzen den marketako bat: ttiki, latz, mikatz eta berandu ematen dutenetatik abiatu eta fruitu gozotxoagoak, tamainaz handixeagoak, mami gehixeagokoak, azal meheagokoak, adierazle finagoak dituztenak, bereizi. Fruitu hori noiz-nolatan ematen dutenak: gaztexeagotan ematen hasten direnak, ale ugari emateko joera dutenak, urtero ematen dutenak edo urtebiak...
Zuhaitzaren forma ere beste hauta-marka bat izan daiteke: ttikia, hostotza ez oso trinkoa duena... Zein lurretara egokitzeko gaitasuna duen ere erabakigarria izan daiteke: lur azidoak maite dituztenak, kare lurretan etor daitezkeenak...
Geure lurretan topatu diren Portugalgo erramu aleetatik abiatuta, agian egunen batean euskaldunen batek esan ahal izango du munduko bakarra dela espezie horretako fruituak ekoizten. Eta lehena. Garai batean kiwiarekin gertatu bezala. Eta makina bat sagar, udare, hur, intxaur eta abarrekin bezala.
Izena ere asmatu beharko diogu, "Portugalgo erramuaren igalia" ezin deituko diogu... Portugalekin beti zorretan izango gara, baina... Nik "zozaran" proposatzen dut, zozoaren arana. | news |
argia-916856f35b78 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/hotzaren-eta-zorigaitz-historikoen-arteko-lotura.html | Hotzaren eta zorigaitz historikoen arteko lotura | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-05-15 00:00:00 | Hotzaren eta zorigaitz historikoen arteko lotura
Nazioarteko ikerlari talde batek Tatra mendietako (Eslovakia) 545 zuhaitz aztertu ditu dendrokronologiaren bidez, eta horri esker azken milurteko Europako klimaren gorabeheren berri jaso dute. Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian jakinarazi dutenez, garai hotzenak bat datoz gerra, gatazka, izurrite, migrazio mugimendu masibo eta bestelako gertaera tragikoekin. Zehazki, muturreko hotza egin zuen Izurri Beltzaren, Hogeita Hamar Urteko Gerraren eta Napoleonen Errusiako kanpainaren garaietan.
Hala ere, zientzialariek zuhurtziaz jokatu dute ondorioak ateratzeko orduan, "kulturaren eta klimaren arteko erlazioak konplexuegiak baitira orokortzeko". | news |
argia-f72e1e7015f6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/gatika.html | Herri euskalduna erdalduntzearen arrazoiak aztertzen | Marijo Deogracias | 2016-05-15 00:00:00 | Herri euskalduna erdalduntzearen arrazoiak aztertzen
90eko hamarkadan Gatika (Bizkaia) erakargarri bihurtu zen askorentzat eta saldu egin ziren sasoi hartan egindako etxe guztiak. Aldi berean, euskararen erabilera %90etik %71ra jaitsi zen. Ia beste 300 etxe aurreikusten dituzte, eta hizkuntzan izan dezakeen eraginari aurre egiteko pentsatzen hasteko ordua da, eskura lehen baino tresna gehiago baitaude, tartean, Udal Legearen 7. artikulua.
Imajinatzen duzue euskaraz hitz egiten jakitea ezinbesteko baldintza izatea Euskal Herriko bizilagun iraunkorra izateko? Åland uharteetan (Finlandia) suediera derrigorrezkoa da hango bizilagun iraunkorra izateko: bizileku eskubidea emateko ahalmena dauka uharteko gobernuak eta eskubide hori lortzeko suedieraz hitz egiteko gai izatea da hirugarren betekizuna. Adibide horixe, beste batzuen artean, aztertu zuten Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan, 2014an, hizkuntzaren arnasgunearen adibide adierazgarria delako onartu dituen hizkuntza babesteko legeei esker.
Hizkuntza babesteko asmoz ere, orain dela gutxi ezagutu dugu nola Galesko Bangor herrian, bertan behera laga duten 366 etxebizitza egiteko asmoa. Erabakia ez da era arbitrarioan hartu: hango Planifikazio Legea aldatu zutenetik, edozein hirigintza egitasmo baimentzeko ezinbestekoa da aldez aurretik aztertzea galeseran izan dezakeen eragina.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) neurtzeko tresnaren hainbat esperientziaz aritu dira hirugarrenez egin diren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. UEUk, UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kontseiluak elkarlanean antolatuta, maiatzaren 12an egin dira, Donostian, Oraina eta Geroa leloarekin.
Une egokian datoz jardunaldiak, Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Udal Legeak beren-beregi jasotzen baitu honakoa: "Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira". Beraz, UEMAk azpimarratu bezala, "ELEri ere lege babesa eman zaio, hirigintza planek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarriz". Izan ere, lurraldea eta hizkuntza binomioaz aritzea hirigintzak euskararen erabileran duen inpaktuaz jardutea da. Ikusi baita, orain baino lehen, euskararen arnasgune gisa izendatu diren udalerriek zer nolako bilakaera izan duten, besteak beste, etxegintza masiboaren ondorioz: euskararen erabileraren jaitsiera –Iñaki Iurrebasok 2014an egindako udalerri euskaldunen bilakaeraren inguruko azterketak erakutsi zituen zenbakiak–. Jakina, datuak ez dira beti matematika zehatzak, baina egoera ulertzen laguntzen dute.
Gatika, herri euskalduna?
Iurrebasoren txostenean aipatzen zen adibideetako bat da Gatika. Mungiatik sei kilometrora, Uribe-Kosta eskualdean, herriguneak (Luberrietaondo urbanizazioa barne) eta bakarkako etxe eta baserriak dituzten sakabanatutako bederatzi auzok osatzen dute herria. 1.660 lagun inguru bizi dira. 2001ean, 1.295 ziren eta, 1991n, berriz, 912 (Eustat). Begi-bistakoa, bizilagunen hazkundea. Gorakadan zeresana izan du etxegintza prozesuak: 1991tik 2011ra bikoiztu egin ziren etxeak, 340tik 706 izatera igaro zen Gatika. Onintze Amezaga zinegotzi eta UEMAren zuzendaritza batzordekideak azaldu digunez, "1994-2004 hamarkadan egin zen etxebizitza kopuru handiena; gerora etxebizitza gehiago egin badira ere, ez da izan horrelako kopuruetan".
Etxeak gora, euskara behera
Denboran bat egiten dute etxegintza prozesuak eta euskararen erabileraren beherakadak. Gatika UEMAn sartu zenean, 1991n, euskararen ezagutza %90ekoa zen. Aldiz, 2011n, %71ra jaitsita zegoen. EAEko 2012ko inkesta soziolinguistikoaren datuek diotenez, 4. gune soziolinguistikotik (biztanleriaren % 80 edo gehiago euskalduna) 3. gunera (% 50-80) jaitsi zen. Beraz, udalerri euskalduna izateko UEMAk ezarritako %70eko indizea ozta-ozta gainditzen du gaur egun Gatikak. Amezagak aitortzen duenez, "inkestek esaten digutenaren arabera, euskaldunen kopurua jaitsi da, baina datu mingarriena da, euskaldunak garenontzat, euskal hiztunen artean erabilera jaitsi dela". Hala ere, "hirietatik pertsona erdaldunen etorrerak eragina izan badu ere, ez dut uste faktore bakarra izan denik. Egindako etxeetako asko gatikarrentzako etxebizitza-tasatuak izan ziren, eta salmenta libreko etxebizitza asko auzotarrek erosi zituzten". Ildo berean mintzatu zaigu Jose Mari Markaide ere, udal zinegotzi eta euskalgintzan herrian ezaguna: "Beharrizana zegoelako egin ziren etxeak eta bai, hasierako fasean kanpotik etorri zen jende gehiena, baina bigarren eta hirugarren faseetan gatikarrak sartu ziren batez ere etxe berrietara". Bere ustez, gaztelania gehiago berba egitea ez da etxe berriengatik bakarrik: "Uste dut gehiago dela guk, euskaldunok, ez dugulako euskaraz egiten. Egin kontu: jubilatuen etxean gehienak euskaldunak dira, baina gehien gaztelania entzuten da".
Gatikan euskaraz egin daiteke
Joera hori aldarazteko asmoz, euskara biziberritzeko gogoeta prozesua egiten ibili da hainbat herritar, Topaguneak sustatuta. Gurasolagun programa abiaraztea erabaki dute, baita herriko komertzioetan eragingo duen taldea osatzea ere. Amezagak dioenez, "prozesuak indar berriak ematen dizkigu gatikarroi gure hizkuntzaren etorkizunean pentsatzeko". Baina berretsi egiten du ez dela ahaztu behar "pertsona bakoitzak dugun ardura gai horretan, batzuetan errazena besteengan jartzea baita". Markaidek ere argi dauka: "Gatikan euskaraz bizi daiteke! Ez da ezin dela egin euskaraz, baina behar dena da denok hartzea egiteko konpromisoa". Biek ala biek aitortzen dute herriko plazaren bueltan, ume eta gurasoei gaztelaniaz hitz egiten entzuten zaiela batez ere, eta "hor egin behar da esfortzua joera aldatzeko, ez bakarrik Udalak, guk geuk gatikar euskaldunok ere bai", gehitu du Amezagak.
Mamua ate joka
Åland uharteetara itzuliz, badago beste ezaugarri bat ere: bizilagun iraunkorra izateko eskubidea izan behar da ezinbestean jabego-eskubidea izateko. Unai Fernandez de Betoño EHUko irakasleak behin baino gehiagotan azaldu du urbanizazio-prozesu azkarrek errotik aldatzen dutela herrien kultura. Beharbada horregatik tentuz darabilte udaletik Gatikako Plan Orokor berria. Bizkaiko Foru Aldundiaren onespenaren zain badago ere, 294 etxebizitza egitea aurreikusten du planak (gaur egun okupatuta 565 etxebizitza daude; 156, hutsik). Markaideren ustez, "eskandaluzkoa" da egitasmoak aurreikusten duen etxe kopurua. "Beharrizana egon badago, baina ez hainbesterako". Horregatik uste du, tokiko plan partzialak egiten direnean, kontuan izan beharko direla Udal Legeak jasotzen dituenak, hizkuntzaren normalizazioaren inguruan. Amezagak azpimarratu duenez, baina, "ziurrenik ez dira etxe denak egingo eta etxebizitzak egin baino lehenago, esparru bakoitza maila urbanistikoan kudeatu beharko da, beti ere legea betez". | news |
argia-18e035a38a6c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/nork-agintzen-du-nafarroan.html | Nork agintzen du Nafarroan? | Xabier Letona | 2016-05-15 00:00:00 | Nork agintzen du Nafarroan?
"Bada, aurkez zaitez hauteskundeetara!". Miguel Sanzek 2011n Nafarroako Ahal Duguko Laura Perez idazkari nagusiari Espainiako egungo Erregearen aurrean jaurtitakoa buruan ibili dut egunotan: Eztabaidan jardun ondoren, esan nahi zion gauzak aldatzeko hori zela bidea, baina "bere gloria minutua" izan zuen herritarra gutxietsiz bota zuen esaldia, jardunean ohikoa zuen zakartasunez.
Herritar hura Nafarroako Gobernuaren hertzera iritsi da gaur egun eta bere indarrarekin gobernua sostengatzen du. Aldaketaren gobernua esaten diote. Eta bere jardunarekin, ikusten ari da zein gaitza zaion gaur egun gobernu bati gauzak aldatzea. Boterearen ingurumaritik bada joera pentsatzeko instituzioek aldatzen dutela gizartea, haiek gizartearen zati bat besterik ez direla gehiegi pentsatu gabe; areago, indar gutxiago edo gehiagorekin, boterearen zatitxo bat dira. Esparru askotan ikusten da hori, baina batez ere dirua behar den horietan –gehienak– eta identitatea edo herritartasunean eragin dezaketen haietan. Nafarroan aldaketak dituen arazoen bi adibide oso esanguratsu izan dira joan den astean ETBrekin eta Iruñeko haur eskolekin gertatu dena.
ETBrena boterekeria zakarra izan da. Ez hizkuntza eskubideak, ez ETBren seinaleak inori trabarik ez egitea, ez Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren arteko protokoloa, ez herritarren gehiengoaren nahia… ezer ez, legea da garrantzitsuena. Berdin dio legea indarrean jartzeak arazo gehiago ekartzea ez jartzeak baino, kontua da legea horixe dela batez ere, lege, aginte, indar, eta noizean behin erakutsi egin behar dela, zakar bada ere: "Astebete duzu seinalea eteteko, bestela ekipoak zigilatuko dizkizut". Espainiako ministerioek halaxe ebazten dituzte txikikeria hauek.
Orain kontua zen aginte makila noren eskuetan zen erakustea. Gainerakoan, botereak baditu bidezidor ugari nahi ez dituen gatazkak saihesteko
Egin eta Euskaldunon Egunkaria ixteko Guardia Zibila bidali zuten, orain gutun bat. Emaitza berdina da, haien irakurleek ezin zuten hautazko medioa irakurri eta Nafarroako milaka herritarrek ezin dute ETB hautatu. Eta herritarrari nahi duen komunikabidea irakurtzeko modua ezabatzen bazaio, ez dago informazio askatasunik. Noiz ez dakigu baina, zorionez, ETBkoak izango du bueltarik. Orain kontua da aginte makila noren eskuetan den erakustea. Gainerakoan, botereak baditu bidezidor ugari nahi ez dituen gatazkak saihesteko.
Epaietan hainbatetan agertzen den "errealitate printzipioa" da bidexka horietakoa. ETBren kasuan zeresanik ez, errealitateak aspaldi gainditu du nabarristen eta lagunen euskararekiko setakeria, baina oraindik ere hauek badute nahiko botere euskaldunon urratsak geldiarazteko.
IRUÑEKO HAUR ESKOLEN afera izan da aste bakarrean botereak agintea non den erakutsi digun bigarren aldia, oraingoan togaz jantzita. Iruñeko Udalak bi haur eskolatan hizkuntza eredua aldatzeko bideratua duen prozesua bertan behera utzi du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiko Antonio Sanchez Ibañez magistratuak. Epaile honek lehenago ere aintzat hartu du estatuaren abokatuaren salaketa eta iazko Sanferminetako txupinazoan ikurrina jarri izana lege iruzurtzat jo du (beste epaile batentzat, aldiz, Tafallako txupinazoan ikurrina argudio berberekin ateratzea ez zen lege iruzurra).
Batzuen eskubideak eta besteenak daude airean haur eskoletako aferan: funtsean hezkuntza eredua, hizkuntza eredua eta zentroa etxetik ahalik eta gertuen egotea. Oraingo beren bi zentroak (Donibane eta Printze Harresia) euskarazko eredukoak izango direlako, 10 minutura diren beste bi zentrotara mugitu beharko zuketen erdal eredua nahi dutenak. Prozesu horrek dakartzan buru hausteak baliatu ditu epaileak Iruñeko Udalaren erabakia kautelaz eteteko.
Hau da, 53 haur eta familien eskubideak babestu ditu, 200dik gorakoenak zanpatzeko, era horretan hauek ez baitute eskubiderik izango ez hizkuntz eredua hautatzeko, ezta etxetik gertuen dagoen zentroa hautatzeko ere. Iruñean 17 haur eskoletatik bi dira bakarrik euskaraz –eskaria %37koa da– eta Udalaren aldaketak aurrera egingo balu lau lirateke. Bistan da, eskubideen jabeak eskubide bakoak baino garrantzitsuagoak dira; hots, erdaldunenak euskaldunenak baino.
Argudioetan lotsagabe jarduten du epaileak, Udalaren argudio teknikoak "ad hoc" egindakotzat joz eta helegitea aurkeztu duen gurasoarenak "gaietako ikerketetan oinarrituak".
Zalantzarik ez, hauteskundeak irabazi edo ez, botereak botereak baditu milaka aurpegi eta erakutsi egiten ditu. | news |
argia-4d64cbfd74bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/dede.html | D�d� | Joanes Etxebarria | 2016-05-15 00:00:00 | D�d�
Kafe bat otoi. Neskenegün (larunbat) goizean, Mauleko merkatura joan ala ez joan, Dédéren ostatua zen hitzordu nagusia. Zenbait enpresaburu, auzapeza, laborariak, postuetako saltzaileak, gazteak, haurrak... Kafetik hasi eta eztabaidak luzatzeko kubatak galdetu arte. Irriño bat eta espantu guti nagusiaren ahotik.
Bere Amerikako ibilbideaz galdetuz gero, ihardesten zuen ilusio izpi bat agertzen zitzaiola begi zolan. Zesta-puntak eraman zuen hara, ostatuak ekarri zuen herrira. Trinketa hurbil, pilota munduaren hitzordu ere bilakatu zuen bere ostatua. Lehenago dantzaleku izana, gibeleko gela erraldoia artisten noizbehinkako hitzordu ere bilakatu zuen. Sekula espanturik gabe, sekula sos irabazien gibeletik ibili gabe. Udan, ostatu pareko frontoia partida beroen hitzordu ere bilakatu zuen, terrazan gehienik lekuko ikusleak, eta beste aldean gehienik turistak jartzen zirelarik.
Xiberoa hain da ttipia, hitzordu anitz pertsona bakar batzuek antolatzen dituztela. Karisma zerbaiten inguruan jendea biribilkatu eta giro kolektibo bat sortzen dute. Dédé halakoa zen, eta joan zaigu. Beste plaza batean dugu hitzordua orain. Eskerrik hanitx eta adio. | news |
argia-7e746a300bbc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/zentinelak-ez-daitezela-lokartu.html | Zentinelak ez daitezela lokartu | Bea Salaberri | 2016-05-15 00:00:00 | Zentinelak ez daitezela lokartu
Diotenez, HELEPi buruz Hautetsien Kontseiluak Baionan berriki burutu ekitaldian, ez omen zen euskaraz hitzik ere entzun, euskaldun anitz han berean zirenean. Nihaur ez nintzen han, bizkitartean ez nau batere harritzen, zoritxarrez.
Zenbakien argira, Herri Elkargoa sortuko da. Hasteko, aldarrikapen historikoari erantzunen zaio, eta hortik bide batzuk posibleak bihurtuko ditu, lurraldea kudeatzekoak; bertakoek erabaki politika garatu ahalko dute, eta Iparraldearen izenean mintzatu.
Harago, deus gutxi beraz. HELEP oraino proiektu lausoa delako, konpetentzia anitz kudeatu beharko dituelako, batzuk premia handikoak (fiskalitatea, lurralde antolaketa, arlo ekonomiko eta sozialak) besteak opzioak. Luze joko du euskarari doakion puntua tratatua izan aitzin eta auskalo nola.
Etorkizuna ezin iragarria da baina gezurra litzateke pentsatzea Elkargoak euskaldunei leku hobea emanen diela, horretara joatea, inguratzen gaituzten deabru guztiak ez balira bezala jokatzea. Inkontzientzia litzateke pentsatzea hizkuntzen arteko kohabitazio pazifiko elkar aberasgarria dela sortuko, bat-batean, menpekotasun egoera glotofagikoa haizaturik.
Ez omen zuten euskaraz egin HELEPi buruzko aurkezpen saioan. Hainbat gaixto. Zoritxarrez, gure iragan hurbilari eta gure esperientziei beha, gisa bereko adibideak ez dira falta, frogatzeko borondatea egon den lekuetan ere, egoerak ez direla gure itxaropenen heinekoak gertatu. HELEPen defendatzaile sutsu, Baterako kide, abertzaleen bozekin hautatua izan den Etxegarai Baionako auzapeza boterean denetik, zer da konkretuki eta iraunkorki aldatu dena Baionan euskarari doakionez? Euskal Kulturaren plazaratzearen aldetik? Ez dut kanbiamenik sentitu. Biarritzen? Euskararen biziberritzerako pausoak molde koherente eta antolatuagoan eman ziren, baina euskararen egoeraren aldaketa nabarmenik eragin al du? Hego Lapurdin, Hendaian, hizkuntza gutxituen topaketa antolatu zenean, euskalgintzako kideak frantsesez mintzarazi ziren. Eta, gehiago dena, azken horiek zepoan erori. Egunero, dela herriko etxean, dela administrazioko edozein bulegotan sartzean, sekulako buruko minak pizten zaizkit ezin identifikatuz non eta zeini euskaraz egin diezaiokedan, eta egun txarra dudanean, erdaraz egiten dut, daitort.
Hots, azken urteetan, euskal jendartearen mobilizazio eta kanpainak, erakundeetako erabaki, plangintza eta ele ederrak ez dira faltan izan eta hauen ondorioak ez dira begi-bistakoak, anitzetan itxurakeria eta zuritzearen kutsua ere badute. Gainera, maiz, euskaldunok, higaduraz, lotsaz, auskalo, uzten diogu horri gertatzen. Etengabeko ukoa eta gutxiespenaren aitzinean, nekeziak bizitzearen bortxaz, gure zuziak ahultzen baitira, gure suak epeltzen, auto-zentsurak eta auto-lotsak ager baitzaizkiguke.
HELEP ala ez, zentinelak beti iratzarririk egon beharko du. Orain arte bezalatsu, ez baitu egiturak ekarriko aitorpen linguistikorik, euskaltasuna ez baita egituraren erdigunean, areago eta harago, bailiteke oztopo bihur dadin. Oroz gainetik, euskararen geroa ez baita frantses egitura administratibo baten gain, esperantzetan, utzi beharko sekulan. Hizkuntzaren etorkizuna herriaren eta hiztun bakoitzaren esku baita. Beti adi eta kritiko segitu beharko dute euskararen defendatzaileek, zentinela lana egiten, animatzen, gizartea interpelatzen eta mobilizatzen, baita euskaldunen komunitatea aktibatzen ere. Sekula ez bezala, engaiamendu pertsonala, inguruan eragitea eta aktibismo puntua beharrezkoak dira. | news |
argia-65affc641090 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/lekukoartu-elkartea.html | Azoka, herriko altxorren plaza | Garazi Zabaleta | 2016-05-15 00:00:00 | Azoka, herriko altxorren plaza
Mungia eta Busturia aldeko jende askoren agendetan gordeta dago hilabeteko lehen igandea: "Hileko lehen domekako azoka Arrietan" idatzita egonen da orrialde horretan, segur aski. Izan ere, 2013ko abuztutik hilero-hilero, hutsik egin gabe elkartzen dira herriko plazan hango ekoizleak eta inguruetako bizilagunak. Tokiko kontsumoa, ekonomia lokala eta bertako baserritarren jarduna bultzatzeko helburuarekin sortu zuten Lekukoartu Elkartea Arrietako (Bizkaia) baserritar eta artisauek. Behin azokaren ideia buruan zutela, aukera ezberdinak aztertu eta Arabako Gaubea herrian egiten dena hartu zuten eredu.
Tokikoa eta sasoikoa
Hilero hartzen dute parte azokan Arrietako baserritarrek, baina horiez gain, azoka bakoitzean inguruko herrietako zenbait ekoizle ere gonbidatzen dituzte.
Postuekin batera bestelako eskaintza ere egoten da azoka egunean: sasoiko produktuei lotutako tailerrak eta erakusketak (maiatzean, adibidez, erleen eta liztor asiarraren gainean aritu dira), kontzertuak, pintxo-poteak, haurrentzako ekintzak, txosna… "Azokak dimentsio zabalagoa hartzen du: giro paregabea izaten da, lagun artekoa, eta jendea oso gustura etortzen da egun-pasa", dio Rosina Enzunza elkarteko kideak.
Herritarrak azokaren parte
Hasieratik erantzun oso ona jaso du azokak, Enzunzaren arabera. "Argi genuen herritarrak honetan inplikatzea beharrezko zela, eta lehen azokan, adibidez, baserriz baserri aritu ginen antzinako ortuko erremintak biltzen", kontatu digu. Erreminta horiekin erakusketa egin zuten 2013ko lehen azoka hartan.
"Lekukoartu" izenak bi zentzu izan ditzake: lekukoa hartzea, tokikoa, bertakoa; eta lekukoa hartzea, erreleboa hartzea. Bi esanahi horiekin jokatu nahi izan zuten elkarteari izena ematean, eta bi esanahi horiek lantzen ari dira hilero: izan ere, tokiko produktuak bultzatzeaz gain, ekoizleen eta azokara hurbiltzen direnen artean asko gazteak dira. "Gazteak badatoz, nik badut esperantza etorkizunera begira".
Ez da makala Arrieta bezalako herri txiki batentzat azokari esker eskualdean erreferente bihurtu izana. Segi dezatela, bada, lekukoa hartzen/ematen! | news |
argia-3c6b20c10146 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/ela-eta-laben-arteko-konbergentzia-egiteke.html | ELA eta LABen arteko konbergentzia, egiteke | Juan Mari Arregi | 2016-05-15 00:00:00 | ELA eta LABen arteko konbergentzia, egiteke
Maiatzaren Lehenean sindikatuek bidalitako mezuen artean bi nabarmendu daitezke: lan prekarietatearen kontrako borroka eta sindikatuen ekintza bateratuaren beharra, borroka hori eraginkorra izan dadin. CCOO eta UGTren arteko ekintza bateratua badago, Gasteizko Mercedesen moduko salbuespen batzuk kenduta. Sindikatu abertzaleen artekoa ordea, ELA eta LABen artekoa nagusiki, oraindik oso urrun dago, kasu jakin batzuetan izan ezik. Zerbait larria badago sindikatu abertzaleen artean, norbere aldetik eta 1995etik batasun hori aldarrikatzen ari eta horretara iristen ez badira.
Espetxean dagoen Rafa Diez Usabiaga LABen idazkari nagusi ohiak, Maiatzaren Lehenaren bueltan inoiz baino indar handiagoz defendatu eta eskatu du ELArekin konbergentzia hori. Sindikalgintza abertzaleak ausarta izan behar duela dio Diezek: "Ekintza batasunak ezin du noraezean ibili koiuntura edo gai zehatzen bueltan, horizonte taktiko eta estrategiko sendoak behar ditu, gure militantzia eta afiliazio kapital humanoa modu eraginkorrean finkatu eta aktibatzeko. (...) Ekintza batasuna ez da aukera politiko bat edo taktika sindikal bat (...), sindikalgintza abertzalean dagoen behar kolektiboa da, Euskal Herrian datorren hamarkadan izango ditugun erronkei aurre egiteko". ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek, bestalde, esan zuen ELA-LAB aliantzaren potentzialtasuna ez ikustea "miopia ikaragarria" dela: "Klase eta nazio gatazkak sindikalgintza abertzalea interpelatu du, elkarrekin lan egin dezagun".
1995etik sindikatuak konbergentzia horren alde badaude, euskal langileriarekiko arrotza den beste interesik ote dago konpromiso hori hitz soiletatik harago egikaritu ez dadin? | news |
argia-eae0981cc244 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/plazetatik-erretiroa-hartu-du-maisuak.html | Plazetatik erretiroa hartu du maisuak | Estitxu Eizagirre | 2016-05-15 00:00:00 | Plazetatik erretiroa hartu du maisuak
75 urte bete dituen egunean (maiatzaren 3an) iragarri du Xabier Amuriza Sarrionandiak bertsotatik erretiroa hartu duela. 1980an, txapela buruan, bertsogintza irauli eta bertso eskolak martxan jarri zituen eta geroztik etengabe aritu da bideak urratzen.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan eman zuen albistea: "Nire gazia eta gozoa gaur da. Gaur egiten ditut 75 urte eta entzule guztiei jakinarazi nahi diet, gaur hartu dudala bertsolaritza uzteko erabakia. Jendaurreko ibilera uztera noa. Gaurko egunez, 7 urte egin nituen egunean, tabernan kantatu nuen jendaurreko lehen bertsoa, aitarekin. Beste sasi bertsolari batek txapela pasa zuen eta garai hartarako dirutza batu zuen. Geroztik, hemen gaude. Gaur amaitu dut ibilbide hori". Azken hiru saioak aipatu zituen, ingurukoek azkenak izango zirela jakinik antolatu zituztenak: apirilaren 22an Legazpin; Bilboko San Anton plaza atzeko tabernetan; eta gehien "hunkitu" duena, apirilaren 29an Altzon. Altzon egin zuen hura, "azken" jendaurreko bertso-afaria, alaba Mirenekin egin zuen. Erreleboa emanda utziko du, beraz, plaza. (bertsoa.com-en dago ikusgai Altzon egindako elkarrizketa eta kantatu zuen azken agurra).
Kartzelan ernetako bertsogintza berria
1965ean apaiz egin zen, eta 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgintza eta bertso ibilbideari ekin zion. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980 eta 1982an. Bertsozale Elkarteko Datu Baseak aitortzen duenez: "1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen". Atzetik etorri diren puntako hainbat bertsolarik aitortu dute Amurizak eurengan izandako eragina, besteak beste, Andoni Egañak.
Plazan bezala eskolan maisu
Bertsolari jaio egiten zela esaten zen garai hartan (80ko hamarkadan) Amurizak "Hori bada baldintza, zuek jada betetzen duzue! jaio zarete!" egiten zuen aldarri, ondoren, bertsotan ikasi egiten zela azaltzeko. Bertso eskola asko Xabier Amurizak emandako ikastaro horietatik sortu ziren. Horietan lehena Santutxuko bertsolari eskola izan zen.
Txapelketetan
Bertsolari Txapelketa Nagusian Txapelduna izan zen 1980an eta 1982an eta hirugarren 1986an.
Bide urratzaile, beti
Bertsozale Elkarteko Datu Baseak dioenez, 90eko hamarkadan, plazarik plazako ibilia utzi, eta bestelako formatu batzuk lantzeko ahalegina egin zuen (gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen, berak "Saio integral" deituak): Lazkao Txiki bat-bateko sorgina , haren pasarte eta bertsoekin emanaldia; Mende baten aldarriak XX.ean jarriak , hautatutako bertso politiko eta sozialen bidez historian ibilbidea egiten zuten Jon Maiak eta biek; Harri eta herri , Arestiren poesia hautatuekin emaniko hitzaldi-errezitaldia.
Idaztera emango du denbora
Aurrerantzean sormena erabat idaztera bideratzea erabaki du Amurizak. Lehendik ere obra aberatsa du, argitaratuak ditu bai bertso liburuak, nola biografia, itzulpen, eleberri, poesia eta saiakerak. | news |
argia-2165e1e5fb85 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/liburua.html | Gogoeta kritiko eta artistikorako bazka | Amaia Alvarez Uria | 2016-05-15 00:00:00 | Gogoeta kritiko eta artistikorako bazka
2015eko udazkenean Garazi Arrula Ruizek eta Danele Sarriugarte Mochalesek Autoreak plazara eta Itzultzaileak mintzo liburuak plazaratu zituzten crowdfunding bati esker. Bertan, aurreko hiru urteetan elikatu zuten Elearazi blogeko uztaren hautaketa argitaratu dute, online hasitakoa paperean ipiniz eta proiektu horri amaiera emanez.
Lehen liburuan fikzioa eta ez-fikzioa atalak ditugu, blogeko "euskarara ekarriak" ataleko itzulpen batzuk, eta bigarren liburuan blogeko "hausnarketa" ataleko itzulpengintzaren inguruko elkarrizketa eta kronika batzuk. Jarraian lehenengo liburuari buruz arituko gara. Bi dira aipatu nahi ditudan honen ekarpenak: literaturarekikoa batetik eta feminismoa eta genero ikasketekikoa bestetik.
Euskal literatura XX. mendetik hona gero eta anitzagoa eta aberatsagoa dela esan daiteke, eta honetan itzulpenek egin duten lana aipagarria da. Badirudi euskal literaturaren irakurleen artean gutxi irakurtzen direla, eta irakurle taldeetan gutxi programatzen direla. Aukera emango bagenie beste kultura, bizipen eta kokapen batzuk ezagutuko genituzke eta "literatura unibertsala" ezagutzean "euskal literatura" beste begi batzuekin begiratu ahalko genuke. Ez da erakargarria?
Itzulpenon bidez autore eta lan batzuk ezagutzera ematea eskertu nahi diet Elearazikoei, eta haiekin, bizitzeko eta bizitzaz aritzeko beste modu batzuk. Testuotan suizidak, putak, drogazaleak, sorginak, kanibalak edo lesbianak guri hizketan jardungo dute, eta Europatik Ameriketara edo Afrikara salto egingo dugu. Batzuetan irakurtzen amaitzerakoan denboratxo bat hartu beharko dugu hitzok digeritzeko, beste batzuetan barre egingo dugu irakurri ahala, eta testu bakoitzak bere aztarna utziko digu, gu kolokan jarriz, espero gabeko galderak eginez.
Bestalde, euskarazko feminismo eta genero ikasketetan egindako ekarpena eskertu nahiko nieke. EDO! argitaletxearen Genero ariketak lanean Virginie Despentes, Itziar Ziga, Beatriz Preciado, Lucas Platero eta Javier Saez ditugu euskaraz, eta UEUk plazaratutako Diskurtsoak, eraikuntzak, gorputzak liburuan Monique Wittig, Denise Riley, Elizabeth Grosz eta Anne Fausto-Sterling. Elearazi ren Autoreak plazara n berriz, besteak beste Pedro Lemebel, Audre Lorde, Cherrie Moraga, Paco Vidarte eta Assata Shakur-en testu mamitsuak ditugu, edozein eskola feministarentzat luxuzko bibliografia euskaraz.
Literatura, itzulpena eta hausnarketa eskaintzen dizkigute blog eta liburuetan, ingelesek food for thought eta think out the box esango luketena. Irakurtzen jarraitzeko: Elearazi.eizie.eus. | news |
argia-583cb84aaff8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/urtxintxa.html | Aisialdia desprogramatzen | Mikel Garcia Idiakez | 2016-05-15 00:00:00 | Aisialdia desprogramatzen
Jakina da: jolasa eta aisialdia bitarteko ezin hobeak dira balioetan hezteko eta hazteko. Baina nola egiten da hori praktikan? Aurreiritziak alboratu, eskema zaharrak gainditu eta erronka berrietan murgildu dira azken urteotan begirale eta hezitzaileak. Etengabeko trebakuntza da gakoa, Bizkaiko Urtxintxa Eskola aisialdi taldeko hezitzaileek kontatu digutenez.
30 urte bete ditu Urtxintxak eta hiru hamarkadatan gauzak asko aldatu al diren galdetu diegu solaskideei. Garai batean, aisialdiak hezkuntza formalaren esparrua erreproduzitzera jotzen zuela kontatu digute, hezitzaileen artean zaintzaile papera nagusitzen zela, eta urteekin helburutan eta balioetan lanketa handia egin dela. Azken boladan, esaterako, parte-hartzea da gehien eragin duen arloa: jarduteko modua irauli du, haur eta gazteekin batera denon parte-hartzetik sortutako aisialdia da oinarria eta horri erantzuten jakiteko formatzen ari dira hezitzaileak. "Lehen, saioa programatu egiten genuen, landu nahi genituen balioen arabera hautatzen genituen jolasak; orain desprogramatu egin behar dugu, parte hartuko dugun guztiok elkarlanean antolatzen dugu saioa eta gure rola aldatu egin da". Asanblada da abiapuntua, adinaren eta taldearen arabera oso ezberdina izan daitekeena, eta egunetik egunera hezitzaileak eurak ere ikasten ari direla azaldu digute Eñaut Aiartzaguena Bravo, Iraide Baskaran Uranga, Ainhoa Muerza Molina eta Julene Onaindia Garciak.
Feminismoa, aniztasuna, euskara… lantzeko teknikak
Ainhoa Muerza:
"Jolas bera izan daiteke oso sexista edo ez sexista, planteatzen dugun moduaren arabera. Hori aintzat hartzea eta jolasari buelta bat ematea da gakoa"
Feminismoa edo hezkidetza, kultur artekotasuna, euskara eta aniztasun funtzionala dira Urtxintxan lantzen dituzten balio nagusiak. Gai horietan etengabe trebatzea eta esku-hartzerakoan ikasitakoa aplikatzea da gakoa, probatzen joatea, baita hezitzaileen artean aliantzak bilatzea ere, taldean aritzea garrantzitsua dela baitiote. "Balioak lantzeko jolasak moldatu egiten ditugu –dio Ainhoa Muerzak–, jolas bera izan daitekeelako oso sexista edo ez sexista, planteatzen dugun moduaren arabera. Hori aintzat hartzea eta jolasari buelta bat ematea da funtsa". Alegia, zirrikituak bilatzea, jolasen bidez balio ezberdinak lantzeko. Adibidez, Banderen jolasean talde bakoitzak bere bandera defendatu eta besteena lapurtu behar du, elkarren kontra lehiatuz; bada, egun batean erabaki zuten taldekide guztiak batuta aritzea, pixkanaka gainerako taldeekin aliantzak eginez, eta une batean denak bihurtu ziren aliatu, denek irabazi zuten jolasa.
Euskara da, Eñaut Aiartzaguenaren hitzetan, gairik zailenetakoa: "Lehen, agindua ateratzen zitzaigun, 'egin euskaraz', eta sarri kontrako efektua eragiten genuen; esperientziatik ikusi dugu eraginkorragoa dela esaterako umeak edo gazteak gaztelaniaz ari diren solasaldian sartu eta euskaraz eustea, eurak pixkanaka 'kutsatzeko'".
Hezkidetzari lotuta, estereotipoak apurtzeko eta emozioak lantzeko dinamika burutu zuten udalekuetan: 10-13 urteko gazteak lurrean eseri ziren, begiak itxita eta musika lasaiak girotuta, eta hezitzaileek belarrira goxo-goxo gauza politak esan zizkieten, laztanen bat egin zieten… inor deseroso sentiarazi gabe. "Mutilak uzkurrago egon ziren hasieran, baina hara gure sorpresa, hurrengo egunean gaztetxoek eurek proposatu ziguten guri berdina egitea".
Eñaut Aiartzaguena:
"Bainujantzia umeekin batera aldatzea eta biluztea erabaki nuen. Lehenengo unean harritu egin ziren, ondoren naturaltasun osoz hartu zuten eta kito"
Biluztasuna gai arantzatsua dela gehitu du Aiartzaguenak: "Udalekuetan, hondartzan bainujantzia aldatzeko unea esaterako aukera aproposa da halakoak lantzeko, baina kontrako mezua ematen dugu, umeei bertan aldatzeko eskatu eta hezitzaileak aldagelara txandaka joaten bagara. Dutxetan ere konplexuak azaleratzen dira adin jakinetan eta egoera hori kudeatu behar da. Ur-jolas batzuen ondoren erabaki nuen kanpoan umeekin batera aldatzea eta lehenengo momentuan harritu egin ziren, ondoren naturaltasun osoz hartu zuten eta kito". Azken finean, eurei gauza bat eskatu eta norberak beste bat egitea kontraesankorra dela gaineratu du Iraide Baskaranek, hezitzaileek eredu izan behar dutelako: "Egia da udalekuetara iritsi eta bat-batean denak batera dutxatuko direla edo toallarik gabe aldatuko direla pentsatzea egoera bortxatzea izan daitekeela, horregatik da aurretik, txikitatik eta ikuspegi ugaritatik landu beharreko zerbait".
Eredu eta aldi berean bat gehiago izatea, horra ondo orekatu beharreko balantza. Hezitzaileek argi dute taldean bat gehiago direla, baina ahaztu gabe balio batzuetan eta helburu batzuen arabera hezi nahi dituztela haurrak, eta horretarako eredu gisa ere ikusi behar dituztela. Adibidea jarri digute: palan mutilak baino ez badira ari, emakumezko hezitzailea haiekin jokatzen hastea da eredu izatea, ea neska gehiago animatzen diren.
Kezka eta sentimenduei hitzak jartzen
Julene Onaindia:
"Hasieran hezitzaileok deitzen genituen asanbladak, eta pixkanaka haurrak hasi ziren ardura hori hartzen. Ume batek jarrera homofoboak jasan zituen eta asanblada deitu zuen bere sentimenduak plazaratzeko"
Berriketa eta eztabaida uneak ere aukera ederra dira, gai ugari lantzeko. Gaztelekuan, solasaldi eta gogoetak ia egunero izaten dituztela kontatu digu Muerzak. Adinaren, bizipenen eta kezken arabera, eurek planteatzen dituzte gaiak. "Duela gutxi transexualitateari buruz galdezka hasi ziren, eta horretaz hitz egiteko aprobetxatu genuen". Edozein aitzakia ona da, gaineratu du Aiartzaguenak: "Txango batean galdetzen badidate ea neska-laguna dudan, erantzungo diet mutil-laguna dudala, modu ahalik eta naturalenean halako gaiak mahai gainean jartzeko". Asanbladak ere interesatzen eta arduratzen dituenaz mintzatzeko abagunea direla gogoratu du Julene Onaindiak: "Gure esperientzia da apurka-apurka irekitzen joaten direla haur eta gazteak. Auzolandegietan gertatu zitzaigun hasieran hezitzaileok deitzen genituela asanbladak, eta pixkanaka eurak hasi zirela ardura hori hartzen. Txango batean haur bat txarto sentitu zen hainbatek harenganako jarrera homofoboa izan zutelako, eta ezohiko asanblada deitu zuen bere sentimenduak plazaratzeko. Konfiantza giroa sortzea funtsezkoa da, halakoak egin ahal izateko". Bere burua horretarako bezain ahaldundua ikusten ez duenari ere, bestelako erreminta eta esparruak eskaintzen dizkiote, lagun edo hezitzaile jakin batekin hitz egitea kasu.
Etiketetatik haratago, gaitasunak ikusten jakin behar
Iraide Baskaran:
"Haurrei gauza bat eskatu eta guk beste bat egitea kontraesankorra da, eredu izan behar dugu"
Batzuetan nekagarria, batzuetan gogorra da hezitzailearen lana. Gurasoekin egon nahi baina gurasoak oporretara joan eta udalekuetara bidali duten seme-alaba negar eta negar gogoratzen du batek, senideengandik tratu txarrak jasaten zituena du buruan besteak, gain hartu zieten nerabeak… Baina batez ere, asetzen dituen lana da, aberasgarria, konfidentzia sakonak eta haur eta gazteen hazkuntzan une gazi-gozoak partekatzeko aukera eskaintzen diena. Baita besteengandik ikasteko parada ere. "Umeetako bat arroketara igo zen, errekara salto egiteko –kontatu digu Onaindiak–, eta aniztasun funtzionala duen beste batek jarraitu zion atzetik, down sindromeduna. Jaitsiaraztea izan zen nire lehenengo erreakzioa, baina ondoko hezitzaileak esan zidan, zergatik aurrekoari ez diogu ezer esan eta esango diogu honi? Ume indartsua eta autonomoa da, kapaza da. Eta bai, kapaza zen, oso salto polita egin zuen. Teoriatik praktikara jauzi egitea ez da erraza, mugak ditugu, erantzukizunak… Pertsonen atzean etiketak ikusten ditugu, eta etiketetatik harago, gaitasunak ikusten jakin behar dugu". Hezitzaile idealik ez dagoela azpimarratu du, bakoitzak adjektibo eta ezaugarri ugari dituela, "eta osotasunean horrek ematen dio indarra taldeari, elkarren osagarri gara".
Hezkuntza ez formala ez dago behar bezala baloratuta, diote, guraso batzuek umeen aparkaleku gisa erabiltzen dute oraindik. "Denetarik izan dugu –dio Aiartzaguenak–; proiektu batzuetan oso inplikatuta ikusi ditugu guraso, ikastetxe eta komunitateko eragile asko, eta beste batzuetan aldiz, batere interesik gabe. Pentsatu nahi dugu gure ekarpena, portzentaje txikian bada ere, ailegatzen dela familiara eta komunitatera".
Ezker-eskuin: Iraide Baskaran, Ainhoa Muerza, Julene Onaindia eta Eñaut Aiartzaguena. | news |
argia-6f13010e5ee3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/anabel-arraiza-aktorea.html | "Elkartasunaren bidez euskarara hurbildu nahi ditugu behar bereziak dituzten haurren familiak" | Reyes Ilintxeta | 2016-05-15 00:00:00 | "Elkartasunaren bidez euskarara hurbildu nahi ditugu behar bereziak dituzten haurren familiak"
Irrien Lagunak klubeko Ane Pirata da Anabel Arraiza aktore eta musikaria. Irrigintzan eta herrigintzan batera aritu daitekeela erakusten digute irrizaleek.
Noiz jarri zinen lehen aldiz kameraren aurrean?
Ama San Fermin ikastolako andereñoa zen, Iruñean, eta han ikasi nuen. Batxilergoa egiten ari nintzela, egun batez Mirentxu Purroy casting bat egitera etorri zen. Musika ezagutzak genituenok aurkeztu ginen eta Denboraren gibelean filmean parte hartzeko aukeratu ninduten. Handik gutxira ikaskide nuen Asier Andueza etorri zitzaidan esanez ETBn casting bat egiten ari zirela telesail berri baterako eta hara joan ginen biok. 1994ko udan egin genuen proba. Bukatu berria nuen UBI eta Lakuntzako igerilekuko taberna kudeatzen nuen. Han nengoela deitu zidaten hartu nindutela esateko. Beraz, unibertsitatera ordez, Goenkale ra joan nintzen. 18 urterekin hasi eta zortzi urtez aritu nintzen. Ondoren bi urte egin nituen Sorginen Laratzean . Telebistako hamar urte horiek nire gaztaroa izan ziren. Hamaika gauza egin nituen nik.
Gogorra izan zen?
18 urterekin nola izango zen gogorra? Goizeko zazpietan hasten ginela izaten zen txarrena, besterik ez. Amak autoz eramaten ninduen Irurtzuneraino, han Roncalesa hartu eta Leitzaran osoa, mendatea gora, mendatea behera, Donostiaraino. Eta gero, Miramoneraino iristeko taxia hartzen nuen egunero. Halako batean, konfiantza pixka bat hartuta, makillatzen ari ginela, lankideei eskatu nien esateko mesedez zein zen Miramonera joateko hartu behar zen Villavesa . Noski, ez zidaten ulertu.
Lana oso dibertigarria zen. Jolas modukoa niretzat. Makina bat aldiz joan nintzen lo gutxi eginda edo batere lorik egin gabe, baina gidoiak ikastea ez zen batere zaila niretzat.
Zer gertatu zen Sara, zure pertsonaiarekin?
Ez dakit. Desagertu egin zen, besterik gabe. Denboraldiaren amaieran Joseba medikuarekin ezkonduta nengoen eta haur bat adopzioan hartu berria genuen. Hurrengo denboraldiaren hasieran hantxe zeuden Joseba eta haurra, baina Sararen arrastorik ez. Gero Josebak izan zuen beste bikotekide bat… Hil, ez nintzen hil, baina Sara non dabilen, auskalo! Hautsa kentzen Arraldeko txokoren batean, agian!
Zein izan da Goenkaleren ekarpenik handiena?
Goenkale talka handia izan zen, bere garaian horren modan zeuden Hego Amerikako folletoiekin lotzen genuelako. Horregatik askok gutxiesten zuten, jendaurrean bederen. Baten batek esaten zidan berak ez zuela ikusten, baina gero Sara deitzen zidan.
Bestalde, Goenkale k jende askori lana eman dio. Oro har, esan daiteke Goenkale eskola izan dela. Eskola ona. Ni, adibidez, ez nator antzerki eskolatik, baina egunero-egunero hainbeste profesional onekin lan egiteak asko erakusten dizu. Telebistak gainera, badu lotura puntu bat. Nik maite dut. Zinema pixka bat probatu dut eta gustatu zait nola mimatzen dituzten gauza guztiak, baina telebistak xarma handia du.
Euskararentzako ere garrantzitsua.
Gertuko hizkera zen. Hika, esate baterako, ordura arte apenas entzuten zen telebistan eta Goenkale n maiz erabiltzen zen. Hasieran, batzuentzat hotz suertatzen bazen ere, euskara ikasten ari zirenentzat edo oso giro euskaldunetan bizi ez zirenentzat lagungarria izan da Goenkale .
Lehenengo ataletan nafar bakarra nintzen, gero Iñaki Perurena sartu zen eta geroago Matxin. Niri esaten zidaten Lakuntzako hizkera erabiltzeko, baina oso zaila egiten zait lakuntzarra ez den norbaitekin horrela hitz egitea. Errazago egiten zait besteen hizkeretara moldatzen saiatzea. Izan ere, lankidea ondarroarra dut orain eta whatsappez ondarroeraz saiatzen naiz.
Zergatik utzi zenuen telesaila? Ala utzi egin zintuzten?
Goenkale n ari nintzen bitartean kolaborazioak egiten hasi nintzen Sorginen Laratzean , baina hor bazegoen lehia moduko bat. Goenkale Pausoka ekoiztetxekoa zen eta Sorginen Laratza ETBren produktua, eta bien buruek talka egiten zuten. Nik behintzat hala hartu nuen. Horregatik, Sorginen Laratzean kontratua egitea proposatu zidatenean bata edo bestea aukeratu behar izan nuen. Hala ere, oso ongi bukatu nuen Goenkalekoekin eta talde osoarekin.
Eta Sorginen Laratzean?
Badut arantza sartuta. Lanean bi urte igarota haurdun gelditu nintzen. Abuztuan jaioko zen haurra eta nik ekainean aditzera eman nien prest nengoela irailean itzultzeko, baina orduko zuzendariak esan zidan hobe nuela etxean gelditu alaba zaintzen. Haurrak eskertuko zidala. Horrek bai, mina eman zidan. Gainera telefonoz esan zidan.
Gizona zen zuzendaria?
Ez. Emakumea.
Horrek erre egin ninduen eta telebistatik urrundu nintzen, baita han ezagututako jendearengandik ere. Nire haurrak neuk hezteko erabakia hartu nuen. Hiru haurrak koskortutakoan hasi nintzen berriro lan munduan kukuak egiten. Arratsaldero saioan kolaboraziotxo batzuk egin nituen, adibidez.
Musikaria ere bazara.
Bai. Txikitatik ikasi dut akordeoia Altsasun, Lakuntzan eta Barañaingo kontserbatorioan. 14 urterekin jada hasi nintzen sosak irabazten kintoen festetan edo inauterietan. Gero ezkontza, bataio eta jaunartzetan hasi nintzen jotzen talde batean. Teklatuak jo eta abestu egiten nuen.
Geroxeago Triki ta ke taldean sartzea eskaini zidaten. Imanol Goikoetxea urdiaindarra zebilen eta berak deitu zidan. Bi disko grabatu genituen eta hiru urtez aritu nintzen haiekin, haurdun gelditu nintzen arte. Erruaren parte bat taldeko baxu jotzailearena izan zen [irriz dio]. Hiru seme-alaba ditugu, zaharrenak pianoa jotzen du, bigarrenak akordeoia eta txikiena laster bateriarekin hasiko da. Taldea antola genezake etxean!
Irrien Lagunak klubera nola iritsi zinen?
Zenbait pertsonaia egiteko aktoreak behar zituztela zioen iragarkia ikusi nuen Berria n 2011n. Nik proiektua ezagutzen nuen bazkideak ginelako eta curriculumaren partez mezu bat bidali nuen esanez "Anabel Arraiza naiz, aktorea eta musikaria, telebistan eta antzerkian aritua, eta hiru seme-alabaren ama". Berehala deitu zidaten eta Mari Kalanbreren pertsonaia gorpuzten hasi nintzen.
Zure haurrak ez dira jeloskor jartzen ama partekatu behar izateagatik?
Saioa egin eta gero, haurrekin gelditu eta guztiei muxuak emateko ohitura dugu. Gure haurrak ni ikustera etorri ziren lehen aldian, han egon ziren zain, denak pasatu arte. Gero txikiak besarkatu ninduen estu-estu eta ezin askatu, "hau nirea da" esanez bezala.
Zer egiten duzu orain ekimen honetan?
Ai, zer ez dudan egiten nik! Orain Ane Piratarekin buru-belarri nabil eta familia giroko dantzaldia egiten dugu. Nire bi alderdiak batu ditugu: aktorea eta abeslariarena. Oso gertuko lana da, oso polita. Ezagutzen dituzu haurrak, familiak, hainbat egoera…
Edozein modutan ere, gure ardatz nagusia aldizkaria da. Haurrentzako argitalpenei dagokienez, hutsune bat zegoela ikusi zen. Guk gure garaian Ipurbeltz izan genuen, adibidez, baina orain mota horretako aldizkaririk ez zegoen, eta garai digitalean bizi arren, paperezko euskarria adin horretan oso garrantzitsua da. Aldizkaria argitaratzeak berarekin dakar sustapen lanak egin behar izatea: sare sozialetan zabalpen lan handia egitea, webgune bizia izatea…
Guk transmititu nahi ditugun baloreak dira elkartasuna, auzolana, bizikidetza, natura, osasuna, kultura, euskara eta zientziaren aldeko jarrerak. Klub hau balore horiek transmititzeko eratu zen eta helburu horrekin sortu ziren pertsonaia guztiak: Tiritatxo, Ane Pirata, Mari Kalanbre, Martin Bertso, Largabista…
Bizipoza elkartean ari zara.
Horrekin guztiarekin batera, urtetan landutako elkartasun harreman guztiak mantendu eta sustatzeko gogoa gorpuzten joan zen eta Bizipoza elkartea eratu genuen gizartegintza alorrean. Gaur egun 30 elkarte daude, behar bereziak dituzten haurrak eta haien familiak osatutakoak. Haur horien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten mota askotako elkarteak dira. Gaixotasunak dituzten neska-mutikoak dira edo bestelako familia ereduak, Espainiar Estatu mailan lan egiten dutenak edo Euskal Herrikoak. Mota askotarikoak. Harremanak sustatzen lan handia dago eta pertsona bat dago orain taldean soilik horretaz arduratzen dena. Elkarteek lan izugarria dute haien egunerokoan eta guk nahi duguna da haien errealitatea gizarteratzea, detektatzea zer behar afektibo eta materialak dituzten, eta pentsatzea nola lagun diezaiekegun. Azkena Nafarroako Chrysalis Adingabe Transexualen Familien Elkartea sartu da.
Zer egiten duzue elkarte horiekin?
Boluntario sare zabala dugu, haien artean Hik Hasi bezalako talde handiak. Beharrak dituzten elkarteak eta lanerako gogoa duten boluntarioak harremanetan jartzen saiatzen gara. Beraien baloreak oso garrantzitsuak dira, gure gizartean ere bai, eta elkartasunaren bidez euskarara hurbildu nahi ditugu familia horiek guztiak. Pailazoek askotan esaten dute: herrigintzatik sortu ginen, irrigintzan gabiltza eta harrogintzaz egiten dugu. Oso txikiak gara, euskal hiztunak ere gutxi garelako, baina ahal duguna egiten dugu.
Zer da Udal Irrizaleen Sarea?
Udalen artean josten ari garen sarea da, proiektuarentzako sostengu ekonomikoa lortze aldera. Laguntzaren truke gure aldizkaria eskola guztietara eramateko aukera eskaintzen diegu. Ematen du mundu guztiak ezagutzen gaituela, baina ez da egia eta gainera jendea oso nahasita dabil. Aldizkaria Pirritx, Porrotx eta Mari Motots baino gehiago da. Katxiporreta pailazo taldearekin batera, Elkar argitaletxeak eta Berriak osatzen dute Irrien Lagunak. Gurekin elkarlanean hamaika elkarte ari dira: Elhuyar, Urtxintxa, Txatxilipurdi, eta abar.
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots antzezlanetan aritzen dira eta batzuetan Irrien Lagunak klubaren zenbait emanalditan hartzen dute parte.
Baina Porrotx leku guztietan dago.
Egia da Porrotx mila lekutara joaten dela. Bi saio arratsaldean, eta goizean Seaskakoekin arituko da bera bakarrik beste saio bat egiten. Nik ez dakit egunean zehar zenbat aldiz margotzen duen aurpegia. Joxe Mari izugarria da!
Zenbat lagun ari zarete lanean?
Bizipozan bat eta Irrien Lagunak klubean hiru. Gutxi gara, eta gainera, ikusten ez den lan handia dago: bilerak, txostenak, administrazioko tramiteak…
Hori gutxi ez eta bi antzerki lanetan ari zara.
Bai. Iaz, hiru hilabetean biak estreinatu genituen: bat dramatikoa Zu gabe eta bestea komikoa Ekoetikopatetikobikoa . Dramatikoa eskaini zidatenean beldurrez hartu nuen umeen munduan murgilduta nagoelako orain. Gainera, lantzen duen gaia minbizia da. Nire aita duela bost urte hil zen minbiziak jota eta entseguak oso gogorrak izan ziren, dena nahasten zitzaidalako, baina oso ongi etorri zitzaidan. Sentimendu horiek guztiak dantzan izatea oso positiboa izan da. Beste lana oso dibertigarria da. Ordubetez ongi pasatzeko aukera.
Nola definitzen duzu zure burua?
Marisaltsera naiz. Gauza berriak probatzea gustatzen zait eta gainera euskaraz bada, bikain. Agian nik baino gehiago dakienari utzi beharko nioke gauza batzuk egiten, baina tira.
Edozertan ematen duzu izena?
Agian bai. Munduko lehen Emakume Mendi Maratoia egin zen iaz Sunbillan eta megafonia bidezko kontakizuna egiteko eskatu zidaten. Nik ez nuen ideiarik ere, baina mikroa hartu eta hor aritu nintzen isildu gabe, gustura, azkena iritsi arte.
Zer egiteko gogoa duzu?
Nire proiektua musikan. Baina ez daukat denborarik sormen lanetan murgiltzeko. Ideiak baditut, baina denborarik ez. Bestalde, adinekoentzat ere zerbait eginen nuke gustura, baina oraindik ez dut oso garbi.
Telebistara itzultzeko gogorik?
Bai, baina telebistan ez da ia deus ere produzitzen. Ez dut gertutik bizi, baina lehenagoko baldintzak orain ez daude jada. Saioen erredakzioan lau katu ari dira lanean, eta gainera haiek beraiek dira produkzio lana egiten dutenak eta saioa aurkezten dutenak. Horretara ohitzen bagara, gero nork altxa hori? Ez zait gustatzen egiten ari direna. Platoak hutsik daude eta diru guztia oso saio gutxitara joaten ari da. | news |
argia-0c7e25b85ac4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/nafarroako-euskalgintza.html | Nafarroako euskalgintza | Enrike Diez de Ultzurrun Sagal� | 2016-05-15 00:00:00 | Nafarroako euskalgintza
Kasu, aldaketaren aldeko sektoreren bat egon da euskararen inguruan antolatu diren diskurtso zaharberritu bezain mingarrien atzean, baita karrikan euskararen aurka egin diren mobilizazioen gibelean ere
Nafarroako aldaketak sarri urtea beteko duen honetan, argi dago ez dela bide samurra izanen euskararen inguruko aldaketa. Ukaezinezkoa da pauso nabarmenak eta arras garrantzitsuak eman direla, eta baliteke ohartu ez izana aldaketa horietako batzuen garrantzi handiaz (Sarrigurenen, D ereduarendako ikastetxea ezartzea, konparaziora), baina aldi berean, azken hilabeteok ederki erakutsi digute Parlamentuan ez dagoela gehiengorik haratago joateko; euskarari buruzko legea aldatzeko, adibidez. Bertzela erranik, aldaketaren alde agertutako indar batzuk ez daude legea aldatzeko prest, eta hori guztiz nabaria da Ezkerran, baina baita Ahal Duguko sektore batean ere. Azken buruan, indar horiei bozka eman dietenen artean atzematen diren jarrera berberak agertzen dituzte; erran nahi baita, aldaketaren aldeko bozka eman duten herritar aunitz nerbiostu egiten dira euskararen gaia mahai gainean paratu bezain laster, eta euskararen alde proposatutako neurri oro jartzen dute zalantzan. Kontua da horrelako jendearen beharra dugula aitzina jotzeko, baina aldi berean haiek dena baldintzatzen dute, hau da, haiek erraten dute noraino iritsi. Eta kasu, aldaketaren aldeko sektoreren bat egon da euskararen inguruan antolatu diren diskurtso zaharberritu bezain mingarrien atzean, baita karrikan euskararen aurka egin diren mobilizazioen gibelean ere.
Gauzak horrela, nafar euskalgintzak karrikara ateratzea erabaki du, orain arte hartutako neurrien alde agertzeko, baina aldi berean neurri ausartagoak eskatzeko, "Nafarroan aldaketa euskaratik etor dadin". Beste proposamenik eztabaidatu da euskalgintza barruan, ofizialtasuna gauza ororen gainetik aldarrikatzeko, baina bide hori oraingoz ez jorratzea erabaki da, taxuzko arrazoiak direla medio. Hasteko eta bat, legearen aferan euskalgintza osoak ekin beharko lioke elkarrekin, bertzenaz bide antzua gertatuko da: hau da, lehenbizi, barne lan bat egin beharko litzateke, batetik, eragileen artean (zer-nolako legea), eta bestetik, Parlamentuan giltza dutenekin, hau da, Ezkerra eta Ahal Dugurekin. Bestela, bi indar horiek konbentzitu ezean, jai dugu. Bitartean, hamaika neurri eraginkor har daitezke egungo lege-esparruaren barnean, aitzina egiteko; euskaltegien eta tokiko euskal komunikabideen egoera hobetzeko, adibidez. Eta era berean, behingoan lantzen hasi beharko litzateke euskararen aurkako mugimendu indartsuari aurre egiteko moduko diskurtso eraberritua, aldaketaren alde daudela dioten herritar ez-euskaltzaleak geure aldera erakartzeko. | news |
argia-ff39d6f659c9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/kalabazie-etaa.html | Kalabazie etaa | Ramon Etxezarreta | 2016-05-15 00:00:00 | Kalabazie etaa
Duela hiru bat aste El Diario Vasco eguneroko donostiarrak lau bat orri eta portada eskaini zizkion euskal zineko hurrengo arrakasta izatera deitua egon daitekeen pelikulari. Ez zen esplizituki esaten zein zen filmaren hizkuntza. Aundiya ote zuen izenburua eta Migel Joakin Eleizegi, Altzoko Handia, zuela gai nagusia.
Filmaren hizkuntzaren galdera iltzatu zitzaidan garunetan, Aundiya izenburua izan zitekeen gaztelaniaren euskararekiko joeretako baten ondorio, euskaraz irakurtzen ez duen horietako batena, "siempre he oído aundiya" , edo egun euskararik ustez txokoenekoenari ematen ari gatzaizkion gainbalio esplikaezin horren ondorioa, benetakoa, jatorra, adierazkortasuna duena, euskara jaso edo landuarekin zerikusirik ez duen hura dela erabakia dugula ematen baitu aspaldi honetan, eta zinean baino areago komunikabideetan.
Sinatzailea ezagututa, zitekeena zen hizkuntza aukeran erreparatu ez izana eta ez nuen hura irudikatzen aundiya bezalako hitz bat, hizkiz hizki, nola zen galdetu gabe idazten. Ezaguna nuenez dei niezaiokeen eta galdetu zein hizkuntzatan zen. Baina erreparoa ematen zidan, erreparo handia. Orain ere, oraindik ere, euskaldunok lehen hitzetik nahaspilatuta, lehen hitzetik bertatik erabaki garbi bat adierazi ezinik. Lotsa ere ematen zidan, nola esplikatu hari filmaren izenburu egokirako egon zitezkeen hizkuntz zalantza eta kezka filologikoak. Aundiya bezala, aundia, aundixa, aundiye, aundixe, aundie izan zitekeela, eta, endemas, horietako bakoitzari hatxe bat ezarriz gero hasieran, aukerak dozenara iristen zirela. Esan ezin niezaiokeena zen hori gurearen aberastasun seinale zela, ugaritasunarena, oparotasunarena, berak seguru jakingo baitzuen gure ideia garbitasun falta patetikoaren lekukotasuna besterik ez zatekeela ugaritasun hori.
Hizkuntzaren aberastasuna, komunikagarritasuna, horretan dago nonbait: argitalpen lokalak ustezko bertako azpieuskalkian idaztean, bailara jakin bateko aditzaren paradigma bateratua erabiltzean aditz batuaren paradigmaren ordez, bizkaiera batua bezalako bat asmatzean eta publikoki praktikatzean, guztiok ordaindutako barria errotuluari e miserable bat ez opatzean, bertsolarien gai jartzaileak euskaratik euskalki bezalakoetara ihes egitean, euskara batua, esan gabe baina, Saizarbitoria, Txillardegi, Atxaga, Cano, Izagirre, Lertxundi eta gainerakoen baimenarekin, Argia, Berria eta konpainiarekiko mesprezu osoarekin, praktikan komunikagarritasunik ez duen traste zaharkitu bat dela tazituki aitortzean.
Egin dezatela administrazioak, eskolak eta gainerako bazter aspertzaile batzuek euskara batua, besteok euskara jatorra egingo dugu, komunikagarria. Hori bai, ojo!, ez joan hiztegira esanahien bila EGAn kalabaza emango badizute ere… kalabazie etaako deu, mou jator askuen . | news |
argia-633989e413d3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/plazetan-hasi-agenda-politikoa-aldatzen-bukatu.html | Plazetan hasi, agenda politikoa aldatzen bukatu | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-05-15 00:00:00 | Plazetan hasi, agenda politikoa aldatzen bukatu
2011ko maiatzaren 15ekoak jokoz kanpo harrapatu zituen Euskal Herriko zenbait eragile politiko. Benetako demokrazia eskatuz plazak okupatu zituzten herritarrek klase politikoa ordezkaritza-krisian murgildu zuten eta hemen ere sumatu dira ondorioak, Podemos alderdiak jaso dituen botu forman. Bost urte atzera egin dugu tarte honetan gertatu dena ulertzen saiatzeko.
John Reed kazetariak idatzitako errusiar iraultzari buruzko Mundua asaldatu zuten hamar egunak liburukoa da pasartea: alderdi Sozial-Iraultzaileko kide bat haserre ari da hizketan boltxebikeen kontra. Esaten du nekazariek ez dutela bat egingo iraultzarekin. Kazetariak galdetzen dio ea zergatik, zein den problema. Boltxebikeek aurkeztu berri duten lurrari buruzko dekretua da desadostasunak sortzen dituena?
–Ah, lurrari buruzko dekretua! –oihukatu zuen sutan–. Ba begira, ba al dakizu zer den dekretu hori? Gure dekretua da, oso-osorik Sozial-Iraultzaileon programa da! Nire alderdiak zedarritu zuen politika hori, lagun nekazarien desioak xehe-xehe aztertu ondoren. Lotsagarrikeria da haiek aurkeztea…
"Baina zuen politika hori bada" erantzun zion Reedek, "ez ditut ulertzen zure eragozpenak". Anekdotak erakusten du alderdi politikoen funtzionatzeko modua zein paradoxikoa izatera ailegatu daitekeen: proiektu politiko bat defendatzeko sortuak izan arren, ordezkaritza-tresna ere badirenez, badirudi batzuetan garrantzitsuagoa bihurtzen dela nork egin dituen gauzak, egiten diren gauzak eurak baino.
Bazirudien 1978ko Trantsizioaren kontra borrokan urteak pasa zituen gizarte sektoreak interesez baino mesfidantzaz begiratzen ziola Sol plazari
Anekdotak balio du ia mende bat geroago Euskal Herrian gertatu zena esplikatzeko ere: 2011ko maiatzaren 15ean, Udal eta Foru hauteskundeak baino astebete lehenago, "Benetako demokrazia orain" lemapean antolatutako manifestazio baten ondoren milaka herritarrek Madrilgo Sol plaza okupatu zutenean, ezker independentistan nagusitu ziren erreakzioek Sozial-Iraultzaileen alderdiko kidearen haserrearen antza dute. Espainiako demokrazia falta salatzen zutenen aurrean ezker abertzalearen zentzumen araknidoak "guk hori aspalditik esaten genuen" esanez erantzun zuen. Bazirudien, 1978ko Trantsizioaren kontra borrokan urteak pasa zituen gizarte sektoreko zenbait bozeramailek, interesez baino, mesfidantzaz begiratzen zietela Espainiako gauzen ordenaren kontra agertzen hasi ziren herritarrei.
Eta irakurketa horren arabera, pixkanaka Espainiako Estatu osoan hedatzen ari ziren kanpaldiak hemengoa ez zen agenda politikoari erantzuten zioten –nahiz eta hori neurri batean bakarrik zen egia–. Urte askotako ilegalizazioaren ondoren hauteskundeetara aurkezteko aukera eskura izanda, boto-lehiara bideratu ziren indarrak.
Lau hankako mahai zahar hura
Une hartan zaila zen antzematea M15 mugimenduak ekar zezakeena. Bilboko Arriagan, Donostiako Boulevardean, Iruñeko Gazteluko Plazan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan ere egin ziren kanpaldiak, baina nork uka, Espainiako zenbait hirirekin konparatuz gero, mugimendua ahulagoa izan zen. Epe laburreko ikuspegiak esaten zuen diferenteak zirela testuinguruak, funtzionatzen zuela EAJtik ezkerrera kokatzen ziren abertzaleen indar-metaketak, sekulako giharrarekin sartu zela Bildu instituzioetan. Probintzia hauetako tertulia mediatikoetan Trending Topic bihurtu zen lau hankako mahaiaren kontzeptua: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk osatutako taulak urte askorako garantia zeukan. Ezker Batuko lau boto-emaileak hiru aukera diferentetan sakabanatuta, nork pentsatu behar zuen bosgarren espazio politikoan momentu hartan?
Hortaz, bakegintzarekin eta burujabetzarekin loturiko gaiak izango ziren, aurreikuspen ia guztien arabera, hurrengo urteetako joko-zelaia marraztuko zutenak eta ez gai "sektorialak". Alegia, ordura arteko tematika berdina, baina hilketa, atxiloketa, tortura, mehatxu eta beste hainbat gertakari beldurgarririk gabeko markoan. Oso testuinguru diferentea ezkerreko abertzaleentzat, zerumugan EAEn indar nagusi bihurtzeko benetako aukerekin –2012ko hauteskundeetan hortxe-hortxe ibili ziren–.
Plazetara jaitsi ez zen jendearen M15 bat ere izan zen. Eta horrek bai, eragina izan zuen Euskal Herrian (argazkia: Olmo Calvo)
Baina itzul gaitezen Sol plazara. Urtebete geroago, 2012ko maiatzaren 12tik 15era bitartean antolatutako mobilizazioetan, argiago dago M15a hartzen ari den bidea: gizarte-mugimendu ugari biltzen duen fenomeno izatera pasa da, aldarrikapenak konkretuagoak dira; egoera sozialaren aurrean "zerbait" egin nahi duten askorentzat, lehenbiziko esperientzia politikoa edukitzeko plataforma bihurtu da, politika gizarte antolamenduan eragiteko ekintza gisa ulertuta, noski; ez alderdi politikoek egiten dutena bakarrik.
Hori baino gehiago da gainera, badago M15 bat plazetan baino, herritar askoren kontzientzian gertatzen ari dena. Eta hori Euskal Herrian ere sumatzen da, ordurako badaude seinale nahiko argiak: Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten berri eman zuten egunkariek 2012ko maiatzaren 15ean bertan. EAEn, 15 urtetik 29ra bitartean daudenen artean %50ek begi onez ikusten du momentu hartan M15 mugimendua, mobilizazioetan %14ak bakarrik parte hartu duen arren. "Irratietako eta telebistetako M15a da, inoiz asanblada batera edo plaza batera jaitsi ez zen jendearena, M15arekin enpatia sentitzen duen gehiengo sozialarena. Eta horren itzulpena ez zen izan errepresentazioaren kritika orokor bat, indarrean zegoen ordezkaritzarena baizik", azaldu du Eduardo Maura EAEko Ahal Duguko idazkari politikoak Rebelion webgunean hil honen hasieran egin dioten elkarrizketan. "Beste M15 hori, imaginarioena, kantuena, esloganena, telebistarena, indartsu sartu zen Euskadin eta ezker abertzalea zaharren aldean utziz egin zuen".
Bi momentu politiko teilakatuta
Beste era batera ere esplika daiteke: garai politiko berri bat beharrean, bi ari ziren sortzen Hego Euskal Herrian 2011-2012 inguru horretan, bata bestearen gainean teilakatuta. Lehena Euskal Herriko fenomenoa zen nagusiki, euskal gatazka hemen fokalizatuta baitzegoen, Espainian eragina zeukan arren. Bigarrena berriz, denborak gainean kokatu duena, Espainiako Estatu osoan gertatu zen eta hemengo alderdien agendan leku handirik izan ez zuen arren, gizarteak arretaz jarraitu zuen, egoera sozial zailari erantzun positiboa ematen ziolako.
Erritmo diferenteak izan dituzte bi garaiok: euskal gatazkaren amaiera lokatzetatik atera ezinda geratu da. Plazetan hasi zen mugimendua berriz, kapituluz kapitulu Espainiako eta Hego Euskal Herriko politika ulertzeko moduan eragin sakona izaten ari da.
Bi momentu politiko teilakatzen hasi ziren 2011. urtean: euskal gatazkaren amaiera eta Espainiako Trantsizioaren Kulturaren krisia
M15a baino lehen, politikak problema narratibo handiak zeuzkan Espainian, bi aktore nagusik elkartrukatzen zuten tronu-jokoa besterik ez zelako. Baina telesailak ez zeukan sekulako arrakastarik, are gutxiago estatua modernitatean sartu izanaren banderarekin paseatzen zen PSOEk 2010eko maiatzaren 12an Nazioarteko Diru Funtsari eta Europar Batasunari men egin eta murrizketa plan gogor bat onartu zuenetik: 15.000 milioiko artazi-kolpea. Hasiera besterik ez zen: atzetik etorriko ziren 2010eko lan erreforma, aurrezki kutxetan kapital pribatuak sartzeko legedia aldatzea eta, batez ere, ia bost milioi langabetu. Katastrofe bat, estatuari berniz soziala ematen zion alderdiaren eskutik. PSOE maila horretaraino botere finantzarioen menpe ikusteak espainiar askoren txipa aldatu zuen: bere burua klase ertain gisa irudikatzen zutenek ulertu zuten ongizate estatua bukatua zela, oihanaren legea zetorrela eta bizi mailan atzera egiteko arriskua edozein kale bazterretan zain zeukatela –hipoteken ezpata buru gainean, sektore publikoaren kontrako neurriak…–.
Ohiko agente sozialen erantzunak ere izango zuen zerikusirik plazak okupatzearekin: Zapateroren Gobernuak hartutako neurrien kontra 2010ean UGTk eta CCOOk deitu zuten greba orokorraren lehen lerroan agertu eta hilabete eskasera, Valeriano Gomez sindikalistak Enplegu ministro kargua hartu zuen Espainiako Gobernuan. Erabaki obszeno horrek erakusten zuen langileen eskubideak defendatzeko sorturiko erakundeak gizartetik zein deskonektatuta zeuden; inolako eragilek ez zuen bere gain hartzen Espainiako herritar askoren ezinegona kanalizatzeko lana. "Ez gaituzte ordezkatzen" ez zen kasualitatez bihurtu M15aren lema nagusietako bat.
Benetako demokrazia eskatzen zuten aldarrien eraginez, klase politikoa ordezkaritza-krisian sartu zen 2011tik aurrera Espainian. Hemen aldiz, prozesu hori konplexuagoa izan da (argazkia: Olmo Calvo).
Non ari dira gauzak gertatzen?
Aldiz, euskal gizartea "ordezkatzen gaituzue" esaten ari zitzaien ezker independentistari eta euskal sindikatuei. Edo itxura hori ematen zuen behintzat ilegalizazio osteko hauteskundeen emaitzak ikusita. Hemengo sindikatuak ere eskubide sozialen murrizketari erantzuten askoz aktiboago aritu ziren: 2009tik 2013ra bitartean zortzi greba orokor izan ziren Euskal Herrian, horietatik bost ELAk eta LABek deituta, beste bat UGTk eta CCOOk ere babestua eta bi baino ez egoitza Espainian duten sindikatuen deialdiari jarraituz.
Mobilizazioak ez ziren nolanahikoak izan eta mota horretako ekintza sindikalaren mugak agerian geratu ziren arren –ez zetorren ezer berririk egun bateko geldialdien ondoren, EAEko erakundeek beti argudiatu ahalko zuten egoera Espainiakoarekin konparatuz ez zela hain larria–, askoren imaginarioan oraindik Euskal Herria zen kolpe finantzarioaren aurkako borrokaren abangoardia. Narratiba horren arabera, "benetako politika", pertsonen eguneroko bizitzan eragiten duen hori, nagusiki Euskal Herrian kokatutako fenomenoa zen. Gatazka armatuak intentsitate berezia –eta dramatikoa– ematen zion hemengo alderdien lehiari, administrazioa kudeatzeko norgehiagoka arrunta baino askoz indartsuagoa zen, eta gizartearen esparru ia denak ukitzen zituen.
Euskal Herriko ezkerrak bazeukan sinesgarritasun nahikorik kolpe finantzarioari erantzuteko; ez ordea gatazka soziala termino diferentetan planteatzeko
Euskal Herriko ezkerrak testuinguru horretan ordezkaritza-mekanismo sendoak zeuzkan, baina 2011ko maiatzeko momentuak paradoxa bat erakusten du: agenda soziala guztiz aldatu eta subjektu berriek –etxegabetua, prekarioa, lan bila emigratu behar duen gaztea…– protagonismo handiagoa hartu zutenean, erantzun klasikoak nagusitu ziren hemen, ohiko eragileek hori egiteko adina indar eta sinesgarritasun bazeukatelako. Ez ordea botere ekonomikoen aurkako gatazka termino diferentetan planteatzeko. Eta zerbait berriaren bila ari zirenek Dolby Surround kalitatean entzun zuten nobedadeak, orain, beste nonbaitetik zetozela. Hortik aurrera kontua jada ez da mugatuko Euskal Herria ala Espainia dikotomia politiko-sozialera, imaginario berri eta zaharren arteko talka kulturalak ere izango du zeresanik. Terreno horretan, puntu batetik aurrera, gauzak beste nonbait gertatzen ari dira eta ez hainbeste Euskal Herrian.
EAJk ere ulertu duen zerbait
Bi alderdik irakurri dituzte egokien duela bost urtetik nabaritzen diren gertakari horiek denak. Bat Podemos-Ahal Dugu da, noski. Zenbaitek Pablo Iglesiasen alderdia M15aren itzulpen elektoral gisa ulertu badu ere, operazioak konplexuagoa dirudi, besteak beste ez delako batere erraza alderdi politiko bat sortzea ordezkaritza instituzionala errotik kritikatzen hasi zen mugimendu batetik –beste batzuk saiatu ziren, Partido X delakoa kasu, eta emaitza oso eskasak izan dituzte–. Iglesiasek 2014ko Europako hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuenean mugimendutik kritikak jaso zituen, baina geroztik lortutako emaitzekin moreek asmatu dute alderdikrazia gehien kritikatzen zutenetako batzuk ere euren zirkuluetara erakartzen.
Lortu dute, era berean, M15ean parte hartu ez zuten herritarren M15a izaten ere, iritzi publikoaren balorazio ona zeukan mugimenduaren unibertso sinbolikoa baliatuz. Eta batez ere, asmatu dute euren eskaintzarentzat marko aproposa sortzen: "politika zaharra vs. politika berria" edo "kasta vs. jendea", M15aren interpretazioak dira klabe hegemonikoan. Hori bai, interpretazio horiek nekez funtzionatuko zuten hautesle kopuru handi batentzat, lehenago gizarte-mugimenduek sakoneko aldaketarik ekarri izan ez balute. Komeni da puntu hori azpimarratzea, ezker independentistatik Podemosi buruz egiten diren zenbait irakurketak alderdiaren ingeniaritza politikoa azpimarratzen baitute, hura posible egin duten fenomeno sozialez eta kulturalez ahaztuta.
EAJk jakin du bere burua berrasmatzen azken bost urteetako ezinegon sozialari erantzun kontserbadore egokia emateko. "Hemen hobeto kudeatzen da" estiloko diskurtsoek ezinegon soziala estali dute
EAEn M15aren esanahia irakurtzen jakin duen beste alderdia EAJ izan da. Krisi egoera baten aurrean gizarteek erantzun diferenteak eman ditzakete eta horien arabera, aldaketa-dinamikak bultzatu edo ez. Espainian klase ertainaren ameskeria amaitu dela onartzen lagundu zuen suminduen mugimenduak. Ongizatea "berreskuratu" beharreko zerbait izango zen aurrerantzean eta promesa hori sinesgarritasunez egiteko aukera ez zegoen alderdi gehienen esku.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berriz, imaginario kolektiboan ez da hain ondo txertatu ongizate-estatua zenbat kaltetu duten azken urteetako neurriek. EAEn lan erreformek, murrizketek eta prekarizazio giroak begi-bistako ondorioak dituzten arren, "hemen hobeto kudeatzen da" estiloko diskurtsoek gogor jo dute arrakasten zerrendetan eta EAJri ez zaio gaizki etorri Espainiako klima, argazki horren ondoan jarrita planta oneko ageri delako.
Nazionalismo tradizionalak bere burua berrasmatu du azken bost urteetan. Lehen euskal herritar "normalaren" alderdia baldin bazen, efektu hori biderkatu egin da krisi urteetan: beraiek dira enplegua sortzeaz hitz egiten dutenak, enpresez, familiaz. Ondo ulertu dute egoera sozial konplikatuek herritar askorengan sortzen duten babesgabetasun sentsazioa eta erantzun kontserbadore eraginkorra prestatu dute, marko konparatibo bat non, zenbaki guztiek dioten Espainian baino hobeto bizi garela.
Inork ez du aldaketarik eskatuko gauzak hain gaizki ez doazela pentsatzen badu. Eta egoera beste lekuetan baino hobexeago egotearen arduraduna EAJ dela uste badu, botoa emango dio berriz ere, asaldura handirik gabe. M15aren antitesia da, plazetako mugimendua bezain anonimoa eta jendetsua, baina esloganik, asanbladarik eta eraldaketarik gabea. Bizirautearekin konformatzen den pertsona arruntaren aukera. Grisa, euskal politika hartzen ari den kolorea bezala. | news |
argia-0c421915f967 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/musa-hiltzea-merezi-izan-zuen.html | Musa hiltzea merezi izan zuen? | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-05-15 00:00:00 | Musa hiltzea merezi izan zuen?
Mexiko Hiria, 1951ko irailaren 6a. William S. Burroughs idazleak Joan Vollmer emaztea hil zuen buruan tiroa jota. Burroughsek poliziari emandako lehen bertsioaren arabera, festa batean zeudela bikoteak Gilen Tellena egitea erabaki zuen. Sagarraren ordez edalontzi bete whisky jarri omen zuen emaztearen buru gainean. Baleztaren ordez, berriz, 38 kalibreko errebolberra erabili zuen, eta itua jo beharrean Joanen burua zulatu zuen.
Bikotea aurreko urtean iritsi zen Mexikora, Burroughsek Louisianan betetzeke zeukan kartzela zigorretik ihesi. Ordurako banantzekotan omen ziren. Vollmer anfetaminak uzten ari zen, alkoholaren "laguntzaz"; Burroughs, aldiz, heroinarik ezean, Benzedrina neurriz kanpo hartzen hasi zen; eta biek ala biek gehiegi edan omen zuten gau hartan.
Tiroa hain modu zorigaiztokoan huts egiteagatik hamahiru egunez giltzapean egon ondoren, Burroughsek hasierako bertsioa aldatu zuen Bernabé Jurado abokatuaren gomendioz: errebolberra kargatuta zegoen ala ez egiaztatzen ari zela ustekabean egin omen zuen tiro. Familia aberatseko semea izanik, funtzionarioak, abokatuak, lekukoak eta balistika adituak erosi zituen eta, azkenean, ez zuen beste zigorrik bete behar izan emaztea hiltzeagatik.
Eta gainera, Burroughsen beraren hitzetan, nolabaiteko etekina atera zion gertaerari: "Joanen heriotzarengatik ez balitz sekula idazle ez nintzateekela izango ondorioztatu behar izan dut, tamalez (...) Joanen heriotzak inbaditzailearekin, Espiritu Zatarrarekin, harremanetan jarri ninduen, bizi osoko gatazka batean sartu ninduen, eta handik irteteko aukera bakarra idaztea nuen", 1953an idatzi eta 1985ean argitaratu zuen Queer nobelaren hitzaurrean jaso zuenez.
Emazteari, ordea, ez zion ezertarako balio izan. Brenda Knightek zera idatzi zuen hari buruz T he women of the Beat Generation lanean: "Joan Vollmer Adams Burroughs funtsezkoa izan zen Beat iraultzaren sorreran; izan ere, Beat motorra abiarazi zuen erregaia Joanek ekarri zuen, mezenas zein musa gisa. New Yorken zeukan apartamentua Beat belaunaldia eratzeko funtsezko rola jokatu zuten hainbat pertsonaren bilgune izan zen; (...) oso azkarra eta filosofian nahiz literaturan aditua, Beat idazle nagusien, Allen [Ginsberg], Jack [Kerouac] eta Billen [Burroughs] adimenari punta atera zion zorroztarria izan zen Joan. Taldeko kide zoliena zen eta haren izaera irmo eta ausartak Beat belaunaldia sentsibilitate berri baterantz bultzatu zuen".
Leela Ginelle kazetari eta antzerkigilearen hitzetan, 28 urterekin hildako poeta "Burroughsen historiako oin-ohar xelebre bat besterik ez da orain". | news |
argia-631cc7a4c21a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2507/raul-zibechi-latinoamerikako-gizarte-mugimenduen-ikertzailea.html | "Paralisiak jota daude Latinoamerikako ezkerreko gobernuak" | Jabi Zabala | 2016-05-15 00:00:00 | "Paralisiak jota daude Latinoamerikako ezkerreko gobernuak"
Latinoamerikako herri mugimenduak ikertu eta bizi izan ditu barrutik Raul Zibechi uruguaitarrak (Montevideo, 1952). Hainbat herrialdetan azken urteotan agintean izan diren ezkerreko gobernuen zikloa amaitu dela argi du. Lorpenak gorabehera, gobernu horien ezintasunak agerian utzi ditu berriki gurean, Komite Internazionalistek antolatutako hitzaldian.
Nolakoa izan da herri mugimenduetan egin duzun ikerkuntza?
Nekazari mugimenduak, indigenenak eta hirietakoak aztertu ditut, haiekin denbora batez bizitzen. Mugimendu jakin batera hurbiltzerakoan nire teknika burua ahalik eta garbien eramatea da, aurreiritzirik gabe, eta bizitzea, egunerokotasunean murgiltzea.
Mugimendu antisistemikoak deitu nahiago duzu.
Edo "gizarteak mugimenduan", mugimendu sozial edo sindikalen dikotomia klasikotik irten nahi dudalako. Mugimendu sozialen kontzeptua AEBetan eta Europan sortu zen, 60ko eta 70eko hamarkadetan rol handia izan zuten mugimenduak definitzeko: eskubide zibilen aldekoak, emakumeen aldekoak, gerraren aurkakoak… Estatuari edo ugazabari gauza batzuk galdatu eta horiek lortzeko mobilizatzen dira. Latinoamerikan, horrez gain, badute berezko ikuspegi bat, euren mundua eratzen dute. Esaterako, MSTkoek lurrak eskuratu dituzte Brasilen, jabe handiei kendutako 25 milioi hektarea, eta horietan gune kolektiboak antolatu dituzte; ekoizpen kooperatibak sortu eta 1.500 eskola eraiki dituzte.
Beste era bateko harremanak, beraz.
Bai, eta eskoletan pedagogia sortu dute. Hor ez du zentzurik mi mama me mima irakasten ibiltzeak edo garbigailuez mintzatzeak. Lan eginez eta jolastuz ikasten dute, ez irakurketa-idazketa pedagogia klasikoarekin. Ezaugarri afrikarrak daude hor, lurraldearen eta arbasoen garrantzia…
Auzolanak garrantzi handia du hor.
Lan kolektiboak berebiziko rola du mundu horretan, hemen auzolan eta Latinoamerikan minga edo tequio izenez ezagutzen dena. Borroka sozialen indarretako bat da eta identitatea ematen du.
Indigenen pentsamoldeak ere eragiten du.
Jatorrizko herrien ekarpena Identitatea da, ondo bizitzearen ideia lantzen dute, ingurunearekin harmonian. Ingurumenaren aldeko aktibista erradikalak direla esan daiteke, eta oso espiritualak: ospakizun kolektiboei garrantzia ematen diete. Chiapasen deiadar batez deitzen dira batzarrak, antzina Euskal Herrian egiten zen moduan.
Nola aldatu du ezkerraren ikuspegia indigenismoak?
Mugimendu indigenek, bereziki EZLNk, ezkerrari lagundu diote garapen kapitalistatik kanpoko garapen ereduak badirela ulertzen. Sozialismo erreala kapitalismoaren jarraipen garapenzalea izan zen. Gure zibilizazio krisia ekoizpen materialean oinarritutako ereduarena da eta indigenen mugimenduak ulertzen lagundu digu egungo zibilizazio krisia ez dela munduaren amaiera, mundu baten amaiera baizik.
Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen artekoak?
Ezkerreko gobernuak daudenean borroka sozialak behera egiten du gehienetan, baina denetarik egon da: harreman onak, txarrak eta azpiratzeko saiakerak. Correaren gobernuak, esaterako, oso harreman gorabeheratsua izan du indigenekin.
Defentsa jarrera sumatzen zaie ezkerreko gobernuei.
Oso agerikoa: Argentinan galdu dute gobernua, Ekuadorren Correak datorren urteko hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du, Maduro agian kenduko dute erreferendum bidez eta Bolivian Moralesek erreferenduma galdu berri du. Ez dira gai izan euren baitan ordezko buruzagi berriak aurkitzeko. Horrek, higadurari gehituta, ekiteko aukera eman dio eskumari, berriro boterea hartzeko. 2013tik ari naiz ziklo progresistaren amaiera iragartzen. Ezintasun handiak erakutsi dituzte, herri mugimenduek salatu dutenez. Posible egin dute pobrezia jaistea baina ez ezberdintasuna, ez dira gai izan aberatsenek osatzen duten %1 boteretsu horri aurre egiteko.
Zer gertatzen ari da Brasilen?
AEBen eta kapitalismoaren erasoaldia dago ezkerreko gobernuen aurka, baina horren aurrean paralisi politikoa dute gobernu horiek. BPGren %4ko jaitsierarekin itxiko da urtea. Oraino PTren bidelagun izan den eskumak indarra hartu eta bizkarra eman dio Lulari, kaleak ere irabazi ditu ustelkeriaren erruz. Litekeena Dilma Rousseffen kargugabetzea izango da.
Venezuelan ere kudeaketa txarra salatu duzu.
Petrolioa 130 dolarrean zegoenean diru asko zegoen Venezuelan, ustelkeriara edo eraginkorrak ez diren politiketara bideratu zen diru hori. Orain, upela 30 dolarrean dagoela, zuloa dute kutxan. Chavez gobernura iritsi zenean, Venezuelaren esportazioen %90 petrolio gordina zen. Egun %95 da: 17 urte izan dituzte eta ez dira gai izan ekoizpena dibertsifikatzeko. Arrautza egosiak inportatzen dira, atera kontuak, zentzugabekeria da hori. Nazionalizatu diren enpresa batzuetan ekoizpena erdira jaitsi eta langile kopurua bikoiztu egin da. Kudeaketa txar hori gobernu aurrerakoien erantzukizuna da, ez besteena.
Zer zentzutan birfundatu behar da pentsaera kritikoa?
Oraino pentsamolde eurozentrikoa egon da: marxismoa, anarkismoa, Foucault eta beste. Oso ondo dago baina askapen adibideak badira Latinoamerikan: Tupac Amaru, Tupac Katari, Haitiko iraultza… Nazio-estatua baino, komunitatea eta eskualdea ardatz dituen boterea berrasmatu behar da, estatu logikatik at. | news |
argia-6e5a96c9abf5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/erdi-aroa-euskaraz-ere-eraiki-daiteke.html | Erdi Aroa euskaraz ere eraiki daiteke | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-07-22 00:00:00 | Erdi Aroa euskaraz ere eraiki daiteke
Quebeceko Polymorph Games bideojoko enpresak Foundation jokoa kaleratuko du udazkenean. Joko berria Erdi Aroko herrixkak eraikitzean datza eta ezaugarri berezia du: eraikuntza organikoa deritzon kontzeptua.
Eraikinak koadrikula batean txukun doitu beharrean, jokalariak eraikuntza eremua aurrez marraztu behar du eta, ondoren, herritarrek "naturalki" erabakiko dute beren etxea non eraiki nahi duten.
Beste ezaugarri bat da Quebeceko estudioak jokoa itzultzeko aukera eman duela, eta, gurean, Game Erauntsia bideo jokoen euskal komunitateak euskaratu du . Jokatzen hasteko hilabete batzuk falta dira oraindik, baina euskara dagoeneko txertatu dute bertsio ofizialean. | news |
argia-82f03cc107fa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/raquel-padilla-yaqui-indiar-zuria.html | "Gasbidea egiteko baimenaren truke 400 peso eskaini diote familia bakoitzari, 18 euro" | Reyes Ilintxeta | 2018-07-22 00:00:00 | "Gasbidea egiteko baimenaren truke 400 peso eskaini diote familia bakoitzari, 18 euro"
Egungo Sonora estatuan (Mexiko) bizi diren Yaqui eta Mayo herrien alde lan egiten du Raquel Padilla Ramos antropologoak.
Herri hauen historikotasunaren eta lurraldetasunaren balorea erakutsi nahi du, ura eta lurra lapurtzen dizkietenen aurrean.
Zertan datza zure lana?
Mexikoko ipar mendebaldean, Sonora estatuan, bizi diren Yaqui eta Mayo herriak dira bereziki interesatzen zaizkidanak. Haien historia eta ezaugarriak ikasteaz gain, nire helburua haien kultur eta lurraldearen defentsa mugimenduetan laguntzea da. Nire ikerketak haien zerbitzura jartzen ditut.
Nola, adibidez?
Yaqui ibaian asko dira urtetan eragindako kalte ekologikoak. Gaur egun gasbide bat eta zenbait meatze proiektu daude abian. Mayoen lurraldean ere badira mehatxuak, herdoiltze laku bat egiteko asmoa, esate baterako. Gasbidea egiteko baimenaren truke 400 peso eskaini diote familia bakoitzari, 18 euro. Zer irain mota da hori? Herriek esan zuten ezetz, diruarekin nahiz dirurik gabe, ezetz.
Nire ikerketekin, herri horien historikotasunaren eta lurraldetasunaren balorea erakusten saiatzen naiz. Modu honetara azaldu nahi dut zergatik ezin diren zenbait aldaketa egin eta are gutxiago haiei galdetu gabe. Oso garrantzitsua da. Legeak dioenaren arabera kontsulta egin behar diete halako proiektuak abian jarri baino lehen, baina ez dute egiten.
Nolakoa da herri indigenen mapa Mexikon?
Badira herri indigena asko, eta hizkuntza ugari. Mexikok dituen 127,5 milioi biztanleetatik %12 indigenak dira. Ia 70 herri daude. Populazio handiena dutenak Nahua eta Maya herriak dira. Lehenak ia bi milioi eta erdi kide ditu eta bigarrenak milioi bat eta erdi inguru. Sonoran badira bederatzi talde etniko, guztira 138.000 pertsona, hau da populazioaren %5,2. Yaquien herria 30.000 biztanlek osatzen dute ofizialki, eta 40.000k haien kalkuluen arabera. Zortzi herritan banatuta daude. Zortzi herriak fundatze-herriak dira eta haien sistema soziopolitikoaren oinarriak dira.
Herri indigenen arteko harremanik ba al da?
Sonoran dauden herrien eta Yucatango mayen artean, adibidez, ez dago harreman zuzenik, mitologia muin bakan batzuk izan ezik. Aldiz, ia guztiek borroka fronteak irekiak dituzte hainbat proiekturen aurrean. Oro har, esan daiteke herri indigenek ez dituztela duela 100 edo 200 urte izan zituzten lur eremuak. Yaquien herria, txikia izanik ere, bere lurraldea hobekien kontserbatu duena da. Ez da lehen izan zutenaren ezta herena ere, baina oso garbi dute zeintzuk diren haien arbasoen lurraldearen mugak. Bi muino dira mugarri nagusiak, takalai sarde edo urkila itxura dutenak.
Harrigarria da nola ezagutzen duten lurraldea. Ume txikiek ere esaten ahal dizute nolakoa den, zein tamaina duen, non dauden mugak, Yaqui ibaiko ponpa eta ubideetatik zenbat litro ur pasatzen diren... Oso garrantzitsua da ezagutza horiek transmititzea. Oso lotuta daude lurrari, haien identitatea ondare immaterialean oinarritzen delako.
Argazkia: Dani Blanco.
Ibaia da herriari izena ematen diona. Zein da bere garrantzia?
Yaqui hitzak "ozenki mintzo dena" esan nahi du, eta halakoa da, edo zen, ibai hori. Haiek haien buruari "yoreme" esaten diote: "jendea, tradizioa errespetatzen dutenak", eta zuriak kontrakoa dira; "yori". Ibaia esentzia da. Yaquien jatorria lau elementu funtsezkotan dago: lurra, ura, airea eta sua. Elementu sakratuak dira. Yaqui ibaia, inguruko labore lurrak bezala, ezinbestekoa da haientzat, baina arazoa da aspalditik badirela gatazkak ibaiaren urarengatik eta yaquiak borroka guztiak galtzen ari dira. Latzena XIX. mendean hasi zen. Politika liberalei jarraikiz, zuriek salgai jarri zituzten indigenen lurrak. Ibaia bideratzen hasi ziren kanpotarren lurrak ureztatzeko, horiek benetako agrotitanak bihurtuz. Geroztik, beste hamaika proiektu egin dute eta gaur egun erreka ur xirripa bat besterik ez da haien lurraldean. XVII. mendean hara iritsitako lehen misiolariek ur emaria zela-eta ibaia Guadalquivirrekin alderatzen zuten.
Horren ondorioz nekazaritza ikaragarri murriztu da. Nazio Batuen Erakunderaino eraman dute ahotsa, gutxieneko emari ekologikoa eskatuz, bertako landareak eta fauna mantendu ahal izateko. Flora behar-beharrezkoa dute elikatzeko ez ezik sendagai gisa eta baita erritualetarako ere. Makalak esate baterako. Aste Santuko erritualetarako behar dituzten makal hostoak eta lezkak lurraldetik kanpo bilatu behar izaten dituzte orain.
Nolakoa da haien erlijioa?
Katolizismo berregituratua. Jesuitek moldaketa batzuk egin zituzten katolizismoa yaquien munduan sartzeko. Yaquiek gustatzen zaiena eta komeni zaiena hartzen dute eta gainerakoa errefusatu. Antropologoek "katolizismo natiboa" deitzen diogu horri. Liturgia katoliko zaharra gordetzen dute eta apaizak bizkar emanda eta latinez ematen du meza, adibidez.
Zu yaqui hizkuntzan mintzatzen zara?
Ez, ez. Nahiko nuke. Hitz eta esaldi batzuk esaten badakit, eta zerbait irakurtzeko gai naiz, baina ez da erraza. Agurtu bai, haien hizkuntzan, eta saiatzen naiz ikasten.
Eta nola dago hizkuntza?
Mexikoko ipar-mendebaldean dauden hizkuntza indigenen artean indartsuenetakoa eta erabilera errotuena duena da. Gehienek hitz egiten dute. Hala ere, hizkuntza arriskuan dago, gaztelaniaren mehatxupean. Zaharrenak eta 12 urtera arteko haurren artean soilik aurki daitezke elebakarrak gaur egun. Helduak ongi mintzatzen dira gaztelaniaz eta askok ingelesa ere badakite. Arizonan bizi diren yaquien komunitateekin harreman handia dute. Oso ohikoa da musikari eta dantzariek Amerikako Estatu Batuetako baimen bereziak izatea hara joateko. Arizonan 8.000 yaqui inguru bizi dira, eta hango gobernuaren aitorpena dute.
Raquel Padillak dioenez, Yaqui herriak elite intelektual garrantzitsua du eta lege kontuetan oso trebeak dira: "Ez da komunitate indigena handiena, baina bai enblematikoa, eta beste indigena askok imitatzen dute haien gobernuarekiko harremanetan".
Argazkia, Raquel Padillak utzia.
Nola iritsi dira hara?
Han daudenak erbesteratuak dira. Yaquiak Mexikoko Gobernuaren aurka altxatu ziren garaian joan ziren, XIX. mende bukaeran, Porfirio Díaz diktadorearen garaian. Yaquiek badaramatzate ia bi mende borroka latzetan haien lurraldetasunaren defentsan. Arazoa hasi zen lurrak kentzen hasi zitzaizkienean. Zuriek pentsatzen zuten indigenen lurraldeetan gutxiegi produzitzen zela eta atarramentu handiagoa atera behar zela. Bizitza eta lurra ulertzeko bi moduek egiten dute talka: indigenek ez dute ikusten lurra nekazaritza edo abeltzaintzarako produkzio toki bezala, baizik eta kultura garatzeko eta bizitzeko leku bezala. Haiek toosa (habia) esaten diote beren lurraldeari. Espazioaz eta bere erabileraz zurien kontzepzioa eta haiena oso desberdinak eta bateraezinak dira.
Borrokek zer ondorio izan dituzte yaquien herrian?
Latzena Porfirio Díazen diktaduran iritsi zen. Sarraski ikaragarriak egin zituzten herrietan. Ehunka gizon hil, eta emakume eta haurrak, batzuetan familia osoak, erbesteratu zituzten batez ere Yucatan aldera, aziendetan lan egiteko. Yaquiak oso indartsuak eta langile onak dira. Garai hartan Sonoran 10.000 bat yaqui baino gehiago ez zen gelditu, baina porfiriatoa amaitu ondoren askok eta askok hartu zuten etxerako bidea. Lortu zutena kontrako efektua izan zen: lurraldearekiko atxikimendua areagotu zen erbestearen ondorioz.
Bestalde, yaquiak oso negoziatzaile trebeak dira eta hitzarmen asko egin izan dute batzuekin eta besteekin haien lurrak berreskuratzeko. 1910ean Mexikoko iraultzan parte-hartze garrantzitsua izan zuten, gerra amaitutakoan lurraldea itzuliko zieten promesarekin. Ez zen erabat bete eta liskar gehiago izan zuten urtetan. 1940an beren lurraldearen heren bat aitortu zien Mexikoko Gobernuak. 400.000 hektarea eskasekin geratu diren arren, haiek uste dute oraindik zati handiagoa berreskura dezaketela eta horretan ari dira jo eta ke.
Hortik dator Espainian zarela baliatuz egin dizuten enkargua?
Bai. Hiru egun baino ez neramala Madrilen, Loma de Bacum herriko gobernu tradizionalaren agindua jaso nuen artxiboetan bilatzeko agiri garrantzitsu batzuk. Zehazki yaquien lurraldea aitortzen duen XVII. mendeko dokumentua aurkitzeko eskatu didate. Felipe III.a Espainiako erregeak 1615ean sinatutako agiria da, non lehen aldiz idatziz eta modu ofizialean zehazten den zeintzuk diren herri horren lurraldearen zabalera eta mugak.
Horretarako, Sevillara joango naiz. Rifeko gudan soldadu aritzeko Mexikoko Gobernuak Espainiari eskaini zion deportatuen batailoiaren informazioa ere bildu nahi dut. Hori litzateke Yaqui herriaren kontrako deportazio andanaren azkena.
Nolako harremana dute kultura indigenek Mexikoko Gobernuarekin?
Herri indigenen garapenerako erakundeak ditu Gobernuak, baina aldi berean, haien lurraldeak suntsitzen dituzten kanpoko enpresa handiak babesten ditu. Mexikoko Gobernua bera baino askoz indartsuagoak dira indigenen lurraldeak suntsitzen dituzten enpresa transnazionalak. Badituzte haien poliziak, sikarioak… Droneak sartzen dituzte, esate baterako, espioi moduan. Argi esan daiteke, gainera, beste aldera begiratzen duela Gobernuak mafiek eta droga-trafikatzaileek droga sintetikoak sartzen dituztenean.
Argazkia: Dani Blanco.
Nolakoak dira yaquiak?
Kronika zaharretan herri menderagaitz, borrokalari eta burugogor gisa agertzen da. Gaur egun oraindik askok beldurra diete oldarkorrak direlakoan, baina ez da egia. Erasoen aurrean baino ez dira defendatzen. Oso argi dute sarraski baten biktimak izan direla.
Gauza batzuetan oso inozoak dira. Eta oso errezelokoak, aldi berean. Ez zaie gustatzen erritualetan inor argazkiak egiten ibiltzea. Ez da Bideko Ama Birjinaren argazkirik. Turismoa ez zaie interesatzen, aitzitik ez dute nahi. Onartzen dute jendea joatea haien dantza sakratuak eta errituak ikustera, baina errespetuz. Oso histrionikoak dira eta txantxazaleak, bereziki kanpotarrekin. Bestalde, oso sentikorrak dira. Misiolariak horretaz ohartu ziren. Etxera gonbidatzen bazaituzte eta ezin bazara joan, oso triste gelditzen dira.
Kanpora ateratzea eta gauza berriak ezagutzea asko gustatzen zaie. Misiolariei harrera egin bazieten izan zen interesatzen zitzaielako. Misiolariek erritualtasun berri eta aberatsa ekarri zuten, arreta biziki pizten zien yaquiei. Misiolariek nekazaritza teknika berriak ere ekarri zituzten. Yaqui herriak elite intelektual garrantzitsua du. Badira historialariak, hizkuntzalariak, idazleak, abokatuak, antropologoak, musikariak… Lege kontuetan oso trebeak dira. Ez da komunitate indigena handiena, baina bai enblematikoa, eta beste indigena askok imitatzen dute haien gobernuarekiko harremanetan.
Eta zuk zer harreman duzu haiekin?
Ez naiz han bizi, baina askotan joaten naiz. Batzuetan esaten dute: "Hor doa indiar zuria". Oso aktiboak dira Facebook-en eta oso harreman gertukoa dugu sarean. Badakite haien alde lan egiten dudala eta izugarri eskertzen dute. | news |
argia-89f0a4d5c2d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/gol-mundiala.html | Gol mundiala | Edu Zelaieta Anta | 2018-07-22 00:00:00 | Gol mundiala
Bukatu da, ederra kostata hori bai, munduko futbol txapelketa. Gauzak zer diren, baina, munduko txapelketaren ondotik ikusi dut nik gol mundial bat, telefono konpainia baten kaleko iragarki batean. Jokalaririk edota belarrik ez bazegoen ere, marketinaren gol bikaina iruditu zait, erretorika saltzaileak maite dituen letra handitan, gazteak erakartzeko asmoz: "Gu gara beti konektatuta egoten direnak".
Konpainiak "eskaintzen" duen produktua gehiago saldu nahian, identitate ezaugarri batera jo du errukigabe; areago, identitate ezaugarria sortu du. Ez duzu zertaz lotsaturik: gaztea bazara normala da etengabeko konexioa nahi izatea, baita gurasoei eskatzea ere. Belaunaldi kontua da. Izan ere, gu, zuek ez bezala, beti egoten gara konektatuta. Ulertu behar duzu, aita, gauzak aldatu egin dira eta.
Helduengandik –xaharrengandik, gurasoengandik– bereizteko jokaldi ederra da, unean uneko belaunaldien arteko arrakala maisuki baliatuz. Ahalduntzeko bidean daude, beraz, beti konektatuta egoten diren horiek. Harro ager daitezke "direna"-z.
Munduko txapelketa bukatuta, berandu bide da VAR eskatzeko. Gol mundiala egina du selekzio guztietan jokatzen duen marketinak. Beste bat. | news |
argia-e36e713889d6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/oier-guillan-arrakasta-jendearekin-komunikazioa-lortzea-da-horretarako-egiten-dugu-lan.html | Oier Guillan: "Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan" | Mikel Asurmendi | 2018-07-22 00:00:00 | Oier Guillan: "Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan"
Donostiako Larratxo auzoa, 1975. Oreretako Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka kolektiboko kidea. Kazetari, idazle eta antzerkigilea. Zauri Bolodia saioa (Txalaparta) eskuetan mintzatu gara, antzerkiaz bereziki: "Guk egiten dugun teatro motak bestelako irakurketa eskaintzen duelakoan nago. Liburuko Jota lagunak dioenez, 'edonork dauka oholtza gainean aritzeko eskubidea'. Areago, gure antzerkia amateurra edo profesionala dikotomiaz harago doa", erran digu solaskideak.
Idoia Beratarbidek ilustratu du Zauri Bolodia liburua. Gustuko lana, ezta?
Bai, noski. Ilustrazioak aipatu gabe geratzen dira sarritan eta irudiak liburua ulertzeko ezinbestekoak dira. Nik beste testu bat bailitzan hartzen ditut. Kasu honetan, pertsonaiari buruzko proposamena da. Gure kolektiboaren karteletan, arropetan eta eszenografian, Idoiak estetika eta estilo bat markatzen du.
Krisian dagoen aktore baten egunerokoaz idatzi duzu. Deskribatu duzun pertsona-pertsonaia-aktorearen nortasuna izugarria iruditu zait. Nola eusten dio eguneroko aldarteari aktoreak?
Aktore baten aldartea ez da edozein pertsonak egunero bizi duen aldartetik ezberdintzen. Egia da, teatroan aritzeak jendez inguraturik egotera eramaten zaitu eta hori exigentea da, baina helduleku bat da aldi berean. Hau da, laguntzen dizu bakarrik ez sentitzen, baita ez zarela munduko erdigunea ohartarazi ere. Antzerkilaria –idazlea ez bezala– konturatzen da ez dagoela bakarrik, erronkak eta arazoak ez direla bereak bakarrik. Hori guretzat, kontsolamendu handia izaten da.
Antzerkilariak "mundua aldatzeko grina" behar al du? Edo ez da hainbesterako?
Grina hori jarrera moduko bat da, baina gauza bat da mundua aldatzeko nahia –batzuetan gaztetako bulkada izan ohi dena– eta beste bat, heldutasunera iritsita, mundua aldatzeko sentsazio hori bizi nahi izatea. Adin batean, sortzaileok sentsazio horrekin bizitzeko asmoz egiten dugu lan, ez mundua aldatzeko grinaz. Bestela, oso irrealista eta frustagarria litzateke. Haatik, sentsazio horrekin bizitzea funtsezkoa da, zure izate eta grina osoarekin murgildu behar duzu lanean. Agian, bizi duzuna ezdeusa da, baina ezinbestekoa da. Grina lanerako motorra da. Mundua aldatzeko asmoa erreala ez bada ere, balio digu bulkada gisa. "Zuen lanak barrua mugitu dit" edo "agerralditik beste aldarte batez atera naiz", entzutea oso ederra da.
Liburua irakurria izan da. Sarri elkarrizketatua izan zara. Liburuaren "arrastaka" eta "arrakasta" hitzek sona hartu dute.
"Arrakasta" eta "arrastaka" esaera Ander Lipusena da. Eneko Sagardoyri [aktorea] entzun nion, Lipusi entzun ziola esaten, eta gustatu zitzaidan. Alegia, batzuetan arrakasta lortzen dugu eta bestetzuetan arrastaka gabiltza. Mr. Señora liburuak ere harrera ona izan zuen, baina oraingoan inoiz baino elkarrizketa gehiago eskatu didate, eta horrek harridura sortu dit. Pertsona lotsatia naiz eta ez dut beste munduko ezer esateko, beste edonork beste edozein lanbidetan nik bezainbeste edo gehiago esateko dauka, zintzoki esaten dizut...
Autoreak liburua defendatu behar du hala ere.
Hori da. Nire lehenengo gogoeta hauxe da: "Esan behar dudana liburuan dago, zertarako atera behar dut berriz ere komunikabideetan gehiago esatera?". Baina liburua ez da zurea bakarrik: editorea, ilustratzailea, liburuaren prozesuan iritzia eman dizun jendearena ere bada. Beraz, liburua defendatzeko ardura perfomance eta jolas txiki bat bezala hartu dut. Nire pertsonaia jokatu dut liburua defendatzen. Rol hori onartu dudan heinean lasaiago sentitu naiz eta elkarrizketetan liburua idazten jarraitu izan banu bezala jokatu dut. Liburua idazten jarraitzeko gogoa eta guzti piztu zait. Antzerkian gure pertsonaia onartzen dugun unetik, zintzo izateko modu bat topatzen dugu. Elkarrizketak horren segidako lana bezala hartu ditut.
"Sortzaileok egoa gora eta egoa behera bizi gara, baina egorik gabe, ba al dago sortzaile izaterik?"
Al Pacino aktoreak dio "ondo dago arrakasta, pena da famarekin nahastu ohi dela". Hala diozu liburuan zuk ere.
Garai batean, taldekideoi arrakasta lortzeak konplexua sortzen zigun. Nahasmena sentitzen genuen gure lana publiko gero eta zabalagora iristen hasia zelako. "Arrakasta" lortu nahi izateak errudun sentiarazten gintuen. Aipu hori emanaldi baten ondorengo irakurri nuen agerkari batean, taberna bateko barra batean. Iltzatuta geratu zitzaidan. Asko lagundu zidan bizi genuen egoera ulertzen. Konturatu nintzen arrakasta behar dugula. Al Pacinoren esaldiak berretsi zigun: "Guk ere arrakasta nahi dugu, ahalik eta jende gehienarengana iristea nahi dugu". Bestela zertarako ateratzen gara plazara? Jende askok bere "arrakasta"-ren bide posible bati trabak jartzen dizkio. Zergatik baina? Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan. Lana jende gutxiri iristea onartu behar dugu, baina xedea ez da hori. Askotan arrakasta eta jende aurrean dugun balizko fama nahasten ditugu. Arrakastaren inguruko barne borroka anitz sortu zaizkit aktore lanetan, autokritika egin beharra barne.
Zauri Bolodia -n "zure" zauriak agertu dituzu. Serio hartu behar al dugu sortu duzun pertsonaiaren mina? "Biktima" gisa agertzeko "arriskua" ere badago.
Beti dago biktimismoan erortzeko arriskurik, autokonpasiorakoa ere bai, baina arrisku egoera horrek autokritikoa izaten laguntzen dizu. Esate baterako: eragile edo erakunde politiko bati ardura eskatzen diogunean guk geurea ere hartu behar dugula ikasi dut. Batzuetan, kexaren munduan erortzen gara, eta hori ahazten dugu. Niri ere gertatu zait hori. Ikasbide bat da. Liburua amaituta, tonua ilun samarra ote zen pentsatu nuen, "kezka" sentitu nuen, umore gutxi sartu ote nuen beldur nintzen. Kexatiegia izango ote? Ordea, nire bilakaera azaldu nahi nuen heinean, beharrezkoa ikusi nuen horrela idaztea. Zorionez, kontatua interesgarria eta beharrezkoa dela adierazi didate gehienek. Liburua "masaje" moduko bat dela, zauritu dezakeela, baina mina kentzeko balio duela entzuteak lasaitu nau.
Egoaren gaia jorratu duzu, halabeharrez.
"Idazle ofiziotik begiraturik, antzerkiak lurrera jaisten lagundu dit, antzerkigintza umiltasun lezioa da"
Sortzaileok egoa gora eta egoa behera bizi gara, baina egorik gabe, ba al dago sortzaile izaterik? Egoa ez da zuria edo beltza. Nik idazketa kolektiboaren bidez plazaratzen diren lanak miresten ditut, baina bakarka ari diren sortzaile batzuen lana ere bai. Batzuen egoa neurriz kanpokoa izan daiteke, baina euren lanek aparteko zerbait esaten badidate, egoarena bigarren planoan geratzen da niretzat. Askotan egilea ez zait pertsona bezala interesatzen, baina bere lana eskertzen dut, dela liburua, dela diskoa, dela… Inportantea bere lana delako. Egorik gabe, pertsona horrek ez luke lan hori sortuko. Taldekideok orobat egoarena erlatibizatzen ikasi dugu. Beste gauza bat da egokeriaz jardutea, harrokeriaz, irudiaren munduan itsutzea. Zentzu horretan, sare sozialetan zabaltzen ari den irudia oso arriskutsua da. Gure irudia etengabe elikatzea oso arriskutsua da, kontraesan itsusiak sorrarazten dizkigu eta.
Bakarkako lanak eta kolektiboak uztartu ohi dituzu. Non dago idazlearen "irakurlea" eta antzerkigilearen "publikoa"-ren diferentzia?
Liburu bat publikatzen duzunean oso zaila da irakurlearekin feedback-a aurkitzea. Mr. Señora eta Zauri Bolodia -ren aurretik ez nuen hori ezagutu. Liburuak egiten duen bidea ezagutzen ez duzun neurrian, bada, ez zaitu elikatzen. Zentzu horretan, kritiken beharra eta iritziaren dependentzia sumatzen ditut idazle askorengan, eta feedback-ik jasotzen ez baduzu normala da. Antzerkian aldiz feedback-a berehalakoa da, eta basatia. Publiko aurrean ari zara eta funtzionatzen du edo ez. Berehala sumatzen duzu, areago, obra bera ez da berdina emanalditik emanaldira, publikoak ematen dizunak lana moldarazten laguntzen dizu. Lana garatu ahala aldatuz doa. Zuzeneko publikoak behartzen zaitu zure burua berehala ezagutzera, ikastera, egin duzun lanaren neurria nolakoa den jakitera. Publikoak sekulakoak ematen dizkizu asmatzen duzunean, baita sekulako zartakoak eman ere, asmatzen ez duzunean, baina jarraitu behar duzu lanean.
Zein neurritan lagundu dizu antzerkilari izateak idazletzan. Eta alderantziz?
Antzerkilari izateak asko erakutsi dit idazteko orduan eta hori publikoari zor diot. Antzerkigilearen eta literatura idazlearen kodeak guztiz ezberdinak dira. Nire kasuan, antzerki egileak gehiago osatu nau literatur irakurleak baino. Literatur irakurleagoa naiz antzerki ikuslea baino, antzerki ikusle bezala ments sentitzen naiz, publikoarengana iristeko moduak landu behar ditut etengabe. Idazle ofiziotik begiraturik, antzerkiak lurrera jaisten lagundu dit, antzerkigintza umiltasun lezioa da.
Identitateaz ere idatzi duzu, sakon idatzi ere, beste kultura batetik heldu den familia bateko pertsona zaren aldetik.
"Publikoak sekulakoak ematen dizkizu asmatzen duzunean, baita sekulako zartakoak eman ere, asmatzen ez duzunean"
Identitatearen inguruko gogoeta horiek genero gaiarekin uztartuta landu ditugu gehienbat. Miss Karaoke antzerkiaren oinarrian daude [Javier Barandiaran, Oier Guillan eta Metrokoadrokaren zuzendaritzapean], testuak obra horren sormen prozesutik heldu dira liburura. Hau da, zer da gorputza? Nork erabakitzen du zer den zure gorputza? Zein da zure gorputzaren definizioa? Nola eraikitzen du nork bere burua eta nortasuna? Gaia konplexua da. Taldekideok identitatearen gaia buru-belarri landu dugu, hizkuntza eta gorputza uztartuz. Guretako bakoitzaren euskal nortasunak ñabardura anitz dauka: badago jatorria duena Euskal Herrian aitona-amonarengandik, gurasoengandik dituztenak, aita edo ama euskalduna duena; aita ez, ama bai... Badaude aspalditik bertakoak izanda ere, euskara galdu zutenen seme-alabak, barne borroka handiak bizitakoak. Tipologia konplexuak dira euskaldunonak. Egoera politikoa dela eta, azken hamarkadatan gure barruak mugitu dira eta birkokatzen ari gara. Nork bere prozesua bizi du, barne borrokekin, hanka-sartzeekin, kontraesanekin, zure burua definitzen saiatzean ez zaudelako gustura… Nire kasuan, naizena onartzeak ondorio onak ekarri dizkit, baita sekulako askapena eman ere.
Sentimendu eta emozio bizi-biziak agertu dituzu liburuan.
Izan ere, etorkinen ondorengoa naizela onarturik –nire arreba kenduta–, aurreko guztiek euskaraz sortzen dudana ez dutela ulertzeak –hitzen aldetik behintzat– modu berezian eragin dit. Idazten dudana nortasun horren ondorioa da, hori naiz ni eta erabili behar dut. Zerbait sortu izan badut, naizenetik sortu baitut, eta ez izan nahi nukeenetik, edo beste batzuek ni izatea nahi luketenetik. Hori indargune bilakatu zait. Zuk bakarrik egin dezakezun moduan ari zarelako, eta ez beste batek. Ahots propioa bilatzen duzun heinean, zaren horretarik zure identitatea eraikitzen duzulako. Euskaldun naizen heinean, euskalduntasunari nire ekarpentxoa egiten diodalako, inguru erdaldun batekoa naizen heinean, jende horrek ikusten duenean euskaraz sortzea, lan egitea eta bizitzea aukeratu dudala, kuriositatea sorten zaio. Oso era defentsiboan dagoen jendearengana beste modu batez iritsi gaitezke, erdaldunak izanagatik mugatuta sentitu daitezkeenengana. Nik erabaki politiko baten ondorioz ikasi dut zer den euskal kultura. Ez nuen jaso modu naturalean, eta euskarak daukan oihartzun emozionala ezberdina da niretzat. Onestidadea bilatzen baduzu, zure indentitatea horrela osatzea oso interesgarria da.
Miss Karaoke -k jende askoren barrua mugitu omen zuen, batez ere, eremu erdalduneko euskaldunen artean.
"Naizena onartzeak ondorio onak ekarri dizkit, baita sekulako askapena eman ere"
Eremu erdaldunean lan egin dugunean jendea ukituta geratu da, ezberdina da eremu oso euskaldunean antzeztea edo eremu erdaldunean. Euskalduntasuna etorkinen ikuspegi batetik edo tradiziotik planteatzen dugunean eremu euskaldunean jendea defentsiban jarri izan da. Aldiz, eremu erdaldunean jendea asko hunkituta hurbildu zaigu, euskaldunberri asko, euskalduna izateko autokontzientzia emozionalari eta euskaldun izatearen hautuari erreparatu diogulako, hots, euskal mundua erreferente nagusitzat ez daukan jendearengana heldu garelako.
"Ezerosotasunean kokatzea jarrera kreatibo ezinbestekoa da niretzat, baita bizitzan ere", diozu. Zer da ezerosotasunean bizitzea?
Lanarekin dudan konpromisoa arriskuan jartzea da ezerosotasunean bizitzea. Batzuetan ikusten duzu obrak ez duela funtzionatzen, eta beste bide bat hartzeko tentazioa hor duzu beti. Biziraupen beharraren sentsazioa izugarria da: "Merkatutxo bat sor nezake, eta kritika hobeagoak jaso nitzake", pentsa dezakezu. Ni horri iskin egiten saiatzen naiz. Hasteko, ezerosotasunak tentsioan jartzen nauelako. Sortzeko unean, tentsioa eta ezerosotasuna behar ditut. Areago, batzuetan eman lezake ezerosotasuna korronte ofizial, nagusi eta instituzionalizazioaren aurkako jarrera dela, eta bada, baina ez soilik. Benetako ezerosotasuna, zure alde dauzkazun lagunak ere kontra jartzeraino prest egotea da, zure lagunak harritzea, alde dituzun jendeak deskontzertatzeraino, horraino iritsi behar da ezerosotasuna. Une batez erraza da antisistema izatea, baina beharrezkoa da kritiko izatea, alegia, harago joateko prest izan behar duzu, alde dituzun lagun horiek zure lana zalantzan jartzeraino. Hori da ezerosotasunean bizitzea.
Liburuan hainbat dramaturgo aipatzen duzu: Bertolt Brecht, Thomas Bernhard, Gabriel Aresti, Angélica Liddell, Sarah Kane... Poesiatik antzerkira bide egindako sortzailea zara.
Poesia eta antzerkia oso gertu daude niretzat, egungo dramaturgia berrietan are gertuago daude. Antzerkilari asko ezagutzen dut poesiatik oso gertu. Jon Gerediaga antzerkigilea, poeta da aldez aurretik. Interesatzen zaizkidan dramaturgo askok uko egin diote autoretzari eta oso hurbil daude poesiaren idazkeratik: Bernharden lanek poesia forma dute. Arestiren kasua, bere garaia dela eta, gertuago izan zitekeen Brechtengandik egungo hainbat teatrogilerengandik baino. Arestiren antzerki obrak beharbada ez dira lengoaia garaikidekoak, baina bazuen esaterako Tobera -rekin lotura. Arestiren obran bertako teatroaren lengoaiarekiko lotura agerikoa da. Teatroa beste era batean idatzi behar zela zioen, ez literatura erreferentetzat harturik. Testuetan ez da hainbeste sumatzen, baina Lau teatro Arestiar obraren hitzaurrea –Ramon Saizarbitoriak idatzita– oso interesgarria da zentzu horretan. Hitzaurrean somatzen da Aresti beste era batean idazten hasi zela, teatro taldeko aktoreen neurrira alegia. Arestik aktoreentzat (Jarrai taldearentzat, besteak beste) egokituta eta pentsatuta idatzi zuen, teatro garaikidearen bidean. Arestiren poesia teatrotik hurbil izan gabe, oso erraz eraman dugu oholtzara.
"Elkarrizketa poetikoa Gabriel Arestiren Egia bat esateagatik poemarekin" atala deigarria da.
Poesia hori Gabrielen lekua sentikaria sortu genuen garaian idatzita dago, Arestiren obran murgildu ahala zerbait egin nuen, eta kontraesanak eta barne borrokak sortu zitzaizkidan. Gidoi bat sortu behar genuen, eta dialogo hori sortu nuen nire lanaren bitartez. Egia esan, badut zerbait berezia Arestirekin.
Zer erakutsi dizu Iparraldeko antzerki moldeak?
Hasierako garaian ari ginenean, teatro asko ikusten genuen han-hemenka, Iparraldean antzerki asko egiten zen eta Hegoaldearekin harremana sendotzen hasi zen. [Piarres Lartzabalen] Ibañeta obra ikusi genuen [Ander Lipusek gaurkotua]. Mattin Irigoienen edota Le Petit Théâtre du Pain -en lanak ere bai. Iparraldeko antzerkiak inpaktatu ninduen, Euskal Herrian berezko teatro bat zegoela ikasi nuen: "Tradizio horretatik elika zaitezke", pentsatu nuen. Asko dugu oraindik ere bertatik ikasteko. Geroago, Antton Lukuren Libertitzeaz liburua irakurtzea aurkikuntza izan zen, ikasten ari naiz oraindik ere liburu horretatik. Lukuren Fauxto obra ikusi genuenean jabetu ginen sortu daitekeela teatro garaikide apurtzaile esperimentala eta aldi berean etiketei uko egin. Tradiziotik begiratuta gaurkotua, "amateurra" eta "profesionala" definizioen eta dikotomiaren artean antzerki potentea egin daitekela ikasi ere. | news |
argia-6b710f0db106 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/indar-aurrerakoien-borroka-latinoamerikan.html | Indar aurrerakoien borroka Latinoamerikan | Asier Blas Mendoza | 2018-07-22 00:00:00 | Indar aurrerakoien borroka Latinoamerikan
Latinoamerikako bataila gogorra izaten ari da. Inflexio puntua, Lula da Silvak azaldu bezala, 2009an gertatu zen Barack Obamak kargua hartu zuen unean: "Brasilekiko harremanetan George W. Bush eta Condoleezza Rice askoz ere demokratagoak izan ziren Obama eta Hillary Clinton baino". Obamak, 2009ko ekainaren 28an, kargua hartu eta sei hilabetetara, Hondurasko estatu kolpe militarra babestu zuen. Ondoren, hainbat herrialdetan esku-hartze edota desegonkortze estrategia anizkoitzak jarri ziren martxan Amerikako Estatu Batuetako (AEB) aliatuak diren tokiko oligarkiak laguntzeko.
Estatu kolpeak ez dira desagertu, teknika desberdinekin eraldatu eta mozorrotu baino ez dira egin: Mendebaldeko kapitala duten hedabideek eta tokiko oligarkiek kontrolatzen dituzten oligopolio mediatikoek intoxikazioa informatiboa zabaltzen dute; AEBek zigor ekonomikoak jartzen dituzte edota tokiko oligarkiarekin ekonomia boikoteatzeko estrategiak garatzen dituzte; eta aldi berean, atzerritar diruak gizarte mugimenduak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak finantzatu, kooptatu eta bertako langileak trebatu egiten dituzte gobernuaren kontrako borroka eta matxinada bultzatzeko.
Latinoamerikan gertatzen diren matxinada eta "iraultza" saiakera guztiak eskumakoak dira. "Gizarte zibila"-k bultzatzen dituen sasi-iraultza guzti horiek enpresariek, bankariek, lur-jabe handiek, eskuineko politikariek eta AEBetako gobernuek babesten dituzte. Adibide paradigmatikoak dira 2008ko Bolivia, 2013tik Venezuela eta 2018ko Nikaragua. Bakoitzak bere ezaugarri propioekin, baina inoiz ez da eskatzen estatuaren baliabide finantzarioak herriaren zerbitzura jartzea, gastu soziala handitzea edota lur-jabe handien lurrak desjabetzea nekazari pobreen artean banatzeko.
Latinoamerikan gertatzen diren matxinada eta "iraultza" saiakera guztiak eskumakoak dira.
"Gizarte zibila"-k bultzatzen dituen sasi-iraultza guzti horiek enpresariek, bankariek, lur-jabe handiek, eskuineko politikariek eta AEBetako gobernuek babesten dituzte
Bitartean, 2009an Ekuadorren estatu kolpe saiakera egon zen eta 2012an estatu kolpe instituzionala gauzatu zen Paraguain. 2016an Dilma Rousseffen kontrako estatu kolpe instituzionala eman zen Brasilen. Hamarkada asko dira Latinoamerikako estatu aparatuak oligarkien esku daudela. Lehenengo hedabideek ezkerreko politikariak kriminalizatzen dituzte eta ondoren horien aurkako prozesu judizialak jartzen dituzte martxan. Begi-puntuan dituzte hauteskundeak irabazi ditzaketen liderrak. Rousseffen kontrako estatu kolpea hankamotz geratuko litzateke Lula hauteskundeetara aurkeztuko balitz, horregatik bere kontrako prozedimendu judiziala. Antzekoa da Rafael Correaren aurkako jazarpen judizialaren motiboa.
Lidergoen garrantzia handia da Latinoamerikan. Mendebaldeko herrialdeetan sistema demokratikoak oso instituzionalizatuta eta teknokratizatuta daude, horri esker, gobernurik gabe edo lider kaskarrekin sistema gai da funtzionatzeko Belgikak edota Italiak urteetan erakutsi duten bezala. Correak dioen moduan, erakundeak geroz eta indartsuagoak izan, orduan eta garrantzia txikiagoa du lidergoak, eta alderantziz. Latinoamerikan ahultasun instituzional handia dago, horregatik, lidergo indartsu batek erakundetze ahula ordezkatu eta benetako instituzionalizazio prozesuak eraikitzeko balio dezake. Lana ez da nolanahikoa. Ekonomian munduko kontinente desparekatuena da. Botere ekonomikoa, mediatikoa eta politikoa AEBen zerbitzura dauden elite gutxi batzuetan kontzentratuta dago eta horren aurrean, justizia soziala bultzatzeko politika egiteak eta instituzionalizazioa eraikitzea polarizatu egiten du.
Erronka horiei aurre egin beharko die Andrés Manuel López Obradorrek Mexikon. Gai bada politika aurrerakoiak martxan jarri eta instituzionalizazioa bultzatzeko, nahiz eta era moderatuan egin, polarizatu egingo du eta horren aurrean oligarkek gerra ekonomikoaren, sikarioen (Kolonbian bezala) eta sasi-iraultzen bidea hartu ohi dute. Gogorra izango da borroka. | news |
argia-8eed2d4ec64c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/bidaiari-sentimentala.html | Bidaiari sentimentala | Aritz Galarraga | 2018-07-22 00:00:00 | Bidaiari sentimentala
Jack Kerouac idazle estatubatuarraren On the road nobela euskaratzen hasi zela, zera egin zuen Iñigo Roque itzultzaileak: "Jean Etxepareren Beribilez -era jo nuen, itsu-itsuan, hizkuntza tresnatzeko, jakinik harengan beti badela zer ikasia, eta ez nintzen tronpatu". Orain kalean da Errepidean , eta aukera ezin hobea daukagu Etxepareren Beribilez ere irakurtzeko. Supermerkatu bagina, eskaintza: 2x1. Nobedade ez diren liburuak iruzkintzen ditugunez hemen, goazen estreinako edizioa 1931koa duena aletzera.
1987koak Mari Jose Kerejetaren hitzaurre gordin bat dakar, eta horrexegatik biziki interesantea –nahiz gauza batzuekin ez nagoen ados–: "Etchepare medikua ez da Paul Morand bat", ondo, askoz gauza xumeagoa da, gure literatura literatura frantsesarekin konparatuta gauza xumeagoa den bezala. Erregresio moduko bat detektatzen dio, "hala nola katolikotasun kutsu ageria, bere gaztaroko artikuluren bateko jarreratik urrun xamar geratzen dena, edota bere abertzaletasun nabarmen eta tradizio zaharren gordetzailea". Eta bukatzen du esaten "bere literatura apustuaren mailarik beherenean" dagoela liburu hau.
Tira, ea, poliki. Akort, egia da bere garaian irakurri eta tarte honetan iruzkindu genuen Buruxkak haren aldean Beribilez honek galtzen duela puntxa, baina, positibo beti, kontu jakingarriak ere aurkituko dizkiogu. Egun bakarrean, autoz Kanbo-Kanbo ibili bitartean, 357 kilometro guztira, agertuko zaigu progresoaren aldeko, basoen geroarekiko kezkati, lan komunalaren oroitarazle, Madrilgo turismoaren ohargarri –eta hori Hondarribitik ez zela pasa–. Egia da besteren gainetik jasotzen direla paisaien deskribapenak, esajerazioraino: "Hemengoaren aldean, ikusi duten gutarik biek hitsa dela diote Provence eskualdeko zeru-gaina". Eta zerk ematen dio paisaiari, bidaiari bizia? Gizajendeak, zalantzarik gabe, gizon-emakumeek. Horretatik eskas du liburuak.
Kerejetak Laurence Sterne aipatzen du hitzaurrean, haren A Sentimental Journey through France and Italy liburua. Eta dio bidaiari-ereduen txantxetako sailkapena zirriborratu zuenean, bere buruari honako izen hau ezarri ziola: "Bidaiari sentimentala". Balio lezake izendapenak Jean Etxeparerentzat, Morand izan gabe, izan gabe Sterne –honek bai, honek hitz egin zuen gizon-emakumeez, batez ere emakumeez–. Baina bidaiari sentimentala. Jakinik, gainera, Etxeparegan beti badela zer ikasia. | news |
argia-a3847324cf37 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/aldibereko-itzulpena.html | 'Belarriprestak' agerian gelditu dira Bergaran | Igor Agirre | 2018-07-22 00:00:00 | 'Belarriprestak' agerian gelditu dira Bergaran
Aldibereko itzulpenak egiteko tresneria dute Euskal Herriko hainbat udalek, Bergarakoak tarteko. Itzultzaile profesionalen beharrik gabe bilerak euskaraz egin ahal izatea bermatu du sistemak. Aranzadi Ikastolako guraso bileretan, hizkuntza gatazka-iturri izatetik, normaltasunera eramatea lortu du aldibereko itzulpenak.
Ikasturte hasiera gehienetan errepikatzen diren hitzorduak dira guraso-bilerak. Bergarako Aranzadi Ikastolan ere ohikoak dira gurasoekin informazioa partekatzeko batzarrak eta azalpenak emateko hizkuntza hautuak buruhauste bat baino gehiago eman die orain arte zentroko arduradunei. Bertako haurrek D ereduan ikasten dute eta gurasoen %80 dira euskaldunak.
2010. urtearen bueltan Euskararen Plan Estrategikoa egiten hasiak ziren Aranzadin. Ikastolako zuzendari Ane Barrusoren arabera, "plana egiterakoan hutsunea ikusi genuen guraso-bileretan. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten genituen eta eduki bera lantzen genuen lehenengo euskaraz, eta erdaraz ondoren". Bi hizkuntzetan egiteak hainbat kalte ekartzen zituela du gogoan Barrusok, besteak beste, bilerak aspergarriak izatea eta denboran oso luze joatea. Arazoari erremedioa jartzeko asmoz, galdetegi bat luzatu zieten gurasoei hiru aukerekin: bata, ordura arte bezala jarraitzea; bigarrena, bilera euskaraz egitea eta euskarri informatikoak nahiz paperekoak gaztelaniaz izatea; eta azkena, bi bilera paralelo egitea, bata euskaldunekin eta bestea ez-euskaldunekin.
Bigarren aukeraren alde egin zuen gurasoen gehiengoak, baina guraso erdaldunak erabakiarekin gustura ez, eta kontrako jarrera hartu zuten, bileretara azaltzeari utziz. "Euren hizkuntz eskubideetan erreparatu zuten guraso erdaldunek eta ikastolako bazkide ere badirenez, beren hizkuntza ere errespetatua izatea nahi zuten. Bazterkeria hitza erabiltzen zuten" azaldu du Barrusok. "Gure ikastetxeko komunitatea euskalduna dela esan genien eta bi hizkuntzetako eskubideak bermatzen genituela adierazi". Guraso erdaldunen kexei erantzuna emateko, beste bide batzuk aurkitzen saiatu ziren eta aldibereko itzulpenaren aukera probatzearen alde egin zuen ikastolak.
Itzulpen zerbitzuaren beharra zutela azaltzeko harremanetan jarri ziren Aranzadi Ikastolakoak Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin. Estepan Plazaola Udaleko euskara teknikariaren ustez begi onez ikusi zuten aldibereko itzulpenarena eta ideia lantzen hasi ziren: "Ikastolaz gain gainerako bileretarako ere erabilgarri izan zitekeela pentsatu genuen". Hasiera hartan alokatu egiten zuten makina, baina azkenean, ematen zitzaion erabileraren maiztasuna ikusita, tresneria erostea erabaki zuen Udalak.
Aranzadi Ikastola da gaur egun itzulpenerako tresneria gehien erabiltzen duen elkartea Bergaran; lortu du ordura arte arrakala sortu zuena konpontzea: "Lehenengo proba ikastolako batzar nagusian egin genuen eta bilera hiru ordukoa izan beharrean, ordubete inguruan amaitzea lortu genuen. Denek ikusi zituzten euren eskubideak bermatuta" azaldu du Ane Barrusok. Hurrengo pausoa guraso-bileretan sistema ezartzea izan zen eta gaur egun ere horrela egiten dute. Itzultzaile lana irakasle boluntarioen esku dago eta bilera aurretik edukia prestatua izateak lana dezente errazten duela dio ikastolako zuzendariak: "Lehen ere bilerak bi hizkuntzetan prestatzen genituenez, ez da lan gehiago izan. Azalpenak euskaraz ematen ditugu eta itzultzea behar duenak aurikularretik entzuten du azalpena gaztelaniaz".
Gurasoen batzarrez gain, beste pauso bat ere emana du Bergarako Aranzadi Ikastolak eta dagoeneko bestelako hitzaldietara ere zabaldu du aldibereko itzulpen zerbitzua. Ikasturtean zehar gurasoentzat antolatzen dituzten hitzaldiak ere euskaraz egiten dituzte ikastetxean eta unean bertan itzultzen dituzte saioak irakasleek. "Aurretik gaiari buruzko hitz ohikoenak itzulita izaten ditugu. Egia da nahiko nekeza izaten dela lana, baina txukun samar ateratzen da" Barrusoren ustetan.
'Belarriprestak' azaleratu dira
Ikastolako guraso komunitateak pozik jaso zuen aldaketa Bergaran eta guraso erdaldunek ere eskertu dute zerbitzua. Estepan Plazaola euskara teknikariak azaldu duenez, "horri esker konturatu gara zenbat jendek ulertzen duen euskara eta jende hori bera konturatu da euskara ulertzeak baduela balioa". Barrusoren esanetan ere 'belarriprestak' –Euskaraldian 'belarriprest' direnek 'ahobiziei' eskatuko diete haiei euskaraz egiteko, ulertzeko gai direlako– sortzea ahalbidetu du aldibereko itzulpena martxan jartzeak: "Guraso askok esan digute beraiengatik horrenbesteko lana ez hartzeko. Gehienek orain ez dituzte aurikularrak hartzen eta euskaraz ulertzen ahalegintzen dira, ulertzen ez duten momentuko kontu hori ondokoari galdetuz. Batzuen aurrean aparatua hartu nahi ez izatearen ondorioz 'belarriprest' bilakatu dira hainbat guraso".
Zerbitzua herritar guztien eskura
Beharrezko tresneria bereganatu zuenetik, herritarrek eskuragarri dute aldibereko itzulpena bermatzen duen sistema Bergarako Udalaren eskutik. Tresnak doan lagatzen ditu Udalak eta aurretiaz eskaria bideratzea beharrezkoa izaten da horretarako. Itzultzaile lanak egingo dituen pertsona ere sistema behar duenak aurkitu behar du. Udaleko euskara teknikari Estepan Plazaolaren arabera sistema erabiltzeko nahikoa da oinarrizko ezagutza teknologikoak izatea eta lehenengo aldiko esperientzian laguntzeko, argibideen dokumentua ere prestatuta dute.
Horretaz gain, sistema erosteak Bergarako Udalera ere ekarri du onura. Udalak antolatzen dituen aurkezpenetan aldibereko itzulpena bermatzen du orain eta horretaz arduratzen dira Euskara Saileko teknikariak edo kasu batzuetan, alorreko udal teknikariak. Udalaz gain, herriko beste hainbat elkartek ere erabiltzen dute zerbitzua eta ikasturte honetan bertan, esaterako, herriko beste bi ikastetxek ere ekin diote aldibereko itzulpena bileretan eskaintzeari.
Ateak zabaltzen dituen teknologia, ate gehiagotara iristen
Bergarakoa baina, ez da adibide isolatua Euskal Herrian. Plazaolak berak ezagutzen ditu antzeko sistema eskuragarri duten zenbait udal: "Ordizian aspalditxotik dute, eta Eskoriatzan, Lasarte-Orian, Irunen eta Hernanin ere badute". Bergarako euskara teknikariaren ustetan, Bergaran duten sistema ez da espresuki itzulpengintzarako egindako tresna, turismo gidariek ere erabiltzen omen dute. Hala ere, ez da aldibereko itzulpena bermatzeko sistema bakarra eta teknologia aurreratuz doan heinean, ekonomikoki eskuragarriagoak izan daitezkeen tresnak sortzen ari dira. Adibidez, Donostia 2016 Fundazioak eta Talaios Kooperatibak 'Interprest' izeneko plataforma garatu zuten duela urte pare bat. Interpresten bidez aldibereko itzulpenak egin daitezke smartphoneak erabiliz, itzultzailearen seinalearen artean eta entzulearen artean modem funtzioa duen tresna bat erabiliz. | news |
argia-f8e25673774b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/alde-guztietatik-jatea.html | Alde guztietatik jatea | Jakoba Errekondo | 2018-07-22 00:00:00 | Alde guztietatik jatea
Euskal Herrian nekazaritza etengabeko kolonizazioaren historia da. Toki guztietan bezala. Lehen lantzen ez zen lurra lugorritu; lehen ereiten ez zen uzta erein; lehen jaten ez zena gozatu. Dena beste nonbaitetik ekarria. Historia horietako asko idatzi dituzte nonahi laboreek; baita geurean ere.
Milaka urte dira laboreak ekarri zituztela-genituela. Beraiei txirikordatutako makina bat istorio izango da bazterretan, ez alferrik jendarte eredu baten oinarrizko elikaduraren ardatzetako bat dira, Mediterraneo aldetik etorritakoak. Oloa ( Avena sativa ), garagarra ( Hordeum distichon ), zekalea ( Secale cereale ) eta, batez ere, garia ( Triticum aestivum ) gure historiaren etorriaren lagun zaharrak ditugu.
Uztailak uzta dakar soroetatik etxera edo biltegira. Horixe adierazten du gariaren izen zientifikoaren bigarrenak: aestivum, udan jasotzen dena. Urte guztian ogia egin ahal izateko labore alez betetzen dira ganbara, mandio eta silo. Ondoren etorri beharko dira errotariak eta okinak.
Okintza berri batek jo ninduen lehengo batean begian: gaitzak sortzen dituen bakterio bat erabiltzen dute ogiaren orantza sortzeko. Legamiak egiten duen lana bakterioak egiten du: ogi orea harrotu. Bakterioa Clostridium perfringens da, eta guri gangrena eta janari-intoxikazioak sor diezazkiguke. Harrotzeko lan horretan sulfuroa sortzen du, arrautza ustel usaina deitzen dena, zenbaitek hanka usaina deitzen badio ere; Ipar Ameriketan, ogi hau egiten dutenek "gazta usain fin askoa" duela esaten dute. Probatu nahi duenak, doala AEBetako Pennsylvaniako Mount Morrisko Main Streeteko 115.eko Rising Creek Bakery And Cafera.
Egunen batean hanka usaineko ogi hori agian gure kulturako parte garrantzitsua izango da. Laboreak landu eta janez pixka bat mediterraneotu ginen bezala eta artoa, babarruna, piperrak, kuiak eta abar landuz eta janez zertxobait amerikartu ginen bezala.
Kultura, izan ere, ez al da ba, neurri batean, kanpokoa aukeratu eta geurera egokitzea? Eskerrak erresistentzia ere baden, hautatze horretan bazter uzten den horrekikoa, alegia. | news |
argia-782f240cdcd3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/etxeko-langileak.html | XXI. mendeko esklabotza | Malen Aldalur | 2018-07-22 00:00:00 | XXI. mendeko esklabotza
"Euskal Herriko atari guztietan egiten du lan esklaboren batek, eta ez zaigu inporta". Hala dio Silvia Carrizok. Malen Etxea elkartean egiten du lan; emakume atzerritarren eskubideak bermatzea du helburu elkarteak. Maiz hitz egiten da etxeko lanetan eta zaintzan lan egiten duten emakumeen lan baldintza txarrez, baina ez dira asko Carrizoren gisan aho bilorik gabe hitz egiten dutenak: "Emakume atzerritarrak menpekotasun eta esklabotza egoeran behar ditugu, Euskal Herriko gure zaintza sareak hornitzeko".
Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen (ELE) estatistiken arabera, lana egiten duten etxeetan bizi diren emakume atzerritar gehienek 60 ordutik gora egiten dute lan astean eta hamar ordu baino gutxiago hartzen dute atseden. Soldatak dagozkienak baino txikiagoak dira, ia kasu guztietan. Izan ere, kontuan izanda etxe barruko langileen %71,56k 60 ordutik gora egiten dutela lan astean, soldata, gutxienez, 1.267,46 eurokoa behar luke izan eta %82,11k hortik behera irabazten du.
Erreportaje honetarako Euskal Herrian etxeko langile diharduten bi emakume atzerritar elkarrizketatu ditugu, Gloria Martínez da bata, Honduraskoa, eta Natalia Castro bestea, Nikaraguakoa. Asmatutako izen-abizenak dira biak, haien intimitatea babeste aldera, ez dute benetako izen-abizenak azaltzerik nahi izan. Egunean bi orduko atsedena edukitzen du Martínezek, eta larunbatetan baino ez du hartzen atseden Castrok, bi orduz.
Arrakalarik gabeko zurrunbiloan daude zaintza eta etxeko lanetan 24 orduz lanean ari direnak, emakume migratzaileen eskubideen alde lan egiten duen Bidez Bide elkarteko Katia Reimberg eta Soraya Ronquilloren ustez: "Ezin dira lan sektore horretatik irten gure gizarteak hor behar dituelako eta sistema honen arkitekturak hori ahalbidetzen duelako". Azaldu dute zailtasun handiak dituztela jatorrizko herrialdeetako ikasketak homologatzeko, eta beraz, zaintzan egin behar izaten dutela lan: "Hego Amerikako emakumeak dira zaintza lanetan gehien aritzen direnak; gaztelaniaz hitz egiten dute, goxoak izateko fama daukate, eta gainera, katolikoak dira. Perfektua da; dena bat dator".
Hala ari dira Martínez eta Castro. Urte mordoa daramatzate dagoeneko gure zaharrak zaintzen, gaur egun kontratuarekin egiten dute lan biek baina bidea ez da erraza izan. Jatorrizko herrialdean merkataritza aditua zen bata eta irakaslea eta soziologoa bestea: "Euskal Herrira etorri ginenean bagenekien ez genuela zaintza lanetan aritzea beste aukerarik edukiko".
Gure gizarte egiturak emakume horiek neskametza egoeran edukitzea behar duela uste du Ronquillok: "Horregatik onartzen dituzte gobernuek abusu horiek guztiak eta emakume horiekiko konplizitatea eta ardura guztiona da". Uste du beste aldera begiratzeak neskametzaren egitura zikliko bat sortzen duela. "Jendeak uste du emakume horien bizitza eta denboraren gaineko botere guztia duela, eta emakume atzerritar horiek neskametza egoeran daudela ohartzen ez garen arte ezingo dugu estatu demokratiko bat sortu".
Ecuador Etxeak ateratako argazkian etxeko langile migratzaileak lan baldintzez protestan.
Arazoari alternatibak aurkitzeko sektorea balioan jartzea ezinbestekoa dela uste dute Bidez Bide elkarteko kideek: "Ospitaleetan, esaterako, 24 orduko zaintza behar duen jendea dago, baina behar hori bermatzeko zortzi orduko txandetan egiten du lan jendeak. Etxeetan lan egiten dutenekin ere hala behar luke". Haien lana ez dela balioan jartzen uste du Martínezek ere: "Urte mordoa daramatzat familia berberarekin, nire lana egiten ahalik eta ondoen ahalegintzen naiz eta iruditzen zait ez dutela egiten dudana balioan jartzen". Martínezek aurten aldarrikatu ditu lehenengoz dagozkion oporrak eta hartzen ez zituen jaiegunak kobratzen ere oraintxe hasi da: "Hasieran beldur handia izaten duzu dagozkizun eskubideak eskatzeko, bota egin zaitzaketelako eta paperik gabe dagoen jendea hartu, izan ere, egoera horretan zaudenean edozein lan kontratu onartzen duzu". Martínezek gogoratzen du lehen aldiz zaintza lanetan hasi zenean kontratatzaileek gauzak apuntatzen zituztela eta gehiago kontrolatzen zutela, lapurreta egin zezakeelakoan edo: "Orain ezagutzen naute eta badakite emakume ona naizela". Hala ere, faltan botatzen du bere lana baloratzea: "Ez dut asko eskatzen, nire eskubideak errespetatzea baino ez".
Egunean bi orduz soilik hartzen du atseden Martínezek eta horrek asko zailtzen dio harreman sareak sortzea: "Bi orduan ez dit ezertarako denborarik ematen. Nire ahizpak Donostian bizi dira eta haiek ikustea ere ezinezkoa zait".
Castrok baserri batean egiten du lan, bi gizonezko zaintzen. Hori hitzartu zuten bere lan baldintzetan baina familiaren eta beraren arteko botere harremanak tarteko, zaintza lanez gain, egunero baserrian bizi den jende guztiarentzako janaria egin eta jasotzera behartzen dutela dio: "Oso garai txarrak pasatzen ari naiz, oso bakarrik sentitzen naiz". 2007. urtetik bizi da Castro Euskal Herrian eta lehenago inoiz halako esperientziarik ez duela eduki dio: "Urteak daramatzat etxe barruko lanean, astean bi ordu soilik atseden hartzen eta oso gaixo zailak zaintzen, baina inoiz ez dut hain gaizki pasa". Baztertua sentitzen da etxean: "Denek euskaraz hitz egiten dute euren artean, noski ulertzen dut hala egitea, eta ni ere ahalegintzen naiz ulertzen, baina nire euskara maila oraindik ez da oso ona". Gaineratu du inorekin ezin duela elkarrizketa bat izan eta edozergatik haserretzen zaizkiola nagusiak: "Baserriko ganbaran bizi naiz, txabola moduko bat da. Aurreko batean, edari pixka bat jausi zitzaidan lurrera eta nagusien gelako sabaia pasa zuen. Itzeleko errieta egin zidaten". Lanez aldatu nahi du Castrok, baina astean bi orduz baino ez duenez hartzen atseden, zaila zaio beste zerbait aurkitzea: "Gainera, nire herrialdean lagun askok behar dute nire soldata bizirauteko, ez da hain erraza".
Malen Etxeako kideek afixean diote gauez atsedena hartzeko eta norbere logela izateko eskubidea dutela.
Esklabotzaren ondorena
Neokolonialismo modernoa da XXI. mendean daukaguna Carrizoren ustez. Ronquillo ere bat dator horretan: "Neskametzaren inguruko begirada koloniala daukagu oraindik". Botere harremanak nabarmenak direla dio. Horren adibide gisa, Martínezek kontatu du ez diotela bere izenez deitzen, "neska" deitzen diote. Carrizok argi du Europako erakundeek oraindik bere erraietan dituztela kolonialismoa, kapitalismoa eta arrazismoa, eta gauza bera gertatzen dela Euskal Herriko erakundeetan ere, nahiz eta ez garen bakarrak: "Badira herrialde gehiago zaintza eta etxeko lanetan emakume esklaboak dituztenak: Italia, Filipinak, Saudi Arabia, Portugal maila txikiagoan, eta Hego Amerikan ere bai klase altuetan". Ronquillok ere neokolonialismo kutsua hartzen dio gaur egungo egoerari: "Urtetako menpekotasunaren begirada koloniala dago. Gure herrialdeetan Espainiaren konkistaren garaitik ezagutzen dugu neskametza eta oraindik erraiak hor daude". Hego Amerikatik Europara etortzen dira neskame eta europarren begietara balio gutxiagoko pertsonak dira: "Ez da kasualitatea batzuek uniformea eramatea edo kontratatzaileek langileei euren izenez ez deitzea".
"XXI. mendeko etxe barruko langileen beharra esklabotza da", hala dio Ronquillok. "Hori baieztatzean batzuek esaten dute ezin dela esklabotza izan ordaindu egiten zaielako. Ados, orduan neskametza da, Espainiako eta Euskal Herriko emakumeek orain dela mende erdi baino gehiago bizi izan zuten neskametzaren modukoa". Bidez Bide elkarteak dokumentala egin zuen gaur egun etxeko langile diren eta garai batean neskame izan zirenen testigantzak bilduz, eta antzekotasun ugari aurkitu zituzten: "Garai batean asko baserrietatik hirietara joan ziren neskame. Emakume horiek oso baldintza txarrak zituzten, 24 orduz egiten zuten lan eta askotan barre egiten zieten, adibidez, gaztelaniaz ez zekitelako". Gaineratu dute, antzeko zerbait gertatzen zela, adibidez, Extremaduratik hona etorritakoekin, baina kasu horietan barre egiteko arrazoia euskaraz ez jakitea edo euren jatorria zela. Orain emakume atzerritarrak garai batean neskame izandakoak zaintzen ari dira, 24 orduz: "Orain dela gutxi dokumentalaren emanaldia egin genuen zaharren egoitza batean eta hango emakumeek behin eta berriz esaten zuten beraiek okerrago egon zirela".
Reimbergek gogorarazi du hemengo emakumeek erruz zaindu dituztela etxekoak: "Ezkontzen ez bazinen gurasoak zaintzea egokitzen zitzaizun. Orain emakumeak lan esparrura sartu dira eta beraiek zaintzen zituzten familiako kideak orain emakume atzerritarrek zaintzen dituzte. Bertako emakumeak gaizki sentitzen dira etxekoak ezin dituztelako zaindu eta emakume atzerritarrek euren familiak zaintzeari uzten diote beste batzuenak zaintzeko, eta horregatik, beraiek ere gaizki sentitzen dira".
Argazkia 1955ekoa da, Kutxa Fototekak eskura jarritakoa, Paco Marí argazkilariarena. Artxiboko informazioaren arabera erdiko emakumea Joxepa da, etxeko langile erretiratua. Alboan ditu Lastagarai Usandizaga etxeko zerbitzariak. Alegia, bi neskame-belaunaldi. Hara paradoxa, gaur egun ere etxeetan bi neskame-belaunaldik topo egin dutela diote etxeko langileen eskubideak defendatzen dituztenek: garai bateko neskameak zahartu dira eta emakume migratzaileak dituzte etxean haiek zaintzen. Zaharrek goizetik gauerako lan gogorra dute gogoan, eta orain etxeetan ari diren emakume atzerritarrek esklabo egoeran lanean ari direla salatzen dute.
Aukerak bai, interesik ez
Esklabotza edo neskametza egoeratik irteteko alternatibak egon badaudela uste dute Bidez Bide elkarteko kideek: "Dirua badago, borondate politikoa eta gizartearen konpromisoa falta dira". Eusko Jaurlaritza sektorea erregularizatu nahian dabil, hau da, "etxeko langileen baldintzak hobetu eta lan mota hori serioago hartu nahian". Lanbideari balioa eman nahian langileak formatzea derrigortu nahi du eta ikastaroak egin beharko dituzte. Mendekotasun Legearen ondorena da neurria, 2008an onartu zutena. Lege horren arabera, zaintzaileari gutxieneko formakuntza ziurtatzea eskatzen zaio. Ronquillok eta Carrizok gogor kritikatu dute neurria: "Egun osoa lanean ari direnek ez dute denborarik formakuntza egiteko eta formakuntzarik egin ezin dutenak are egoera hauskorragoan geratuko dira". Gogor borrokatu dute Malen Etxeako kideek etxeko langileek formakuntza egin behar izatearen aurka, eta badirudi, momentuz, ez dela beharrezkoa izango: "Asko kosta zaigu ulertaraztea zein den langileon egoera eta zergatik ezin duten formakuntza egin". Hala ere, legeak hainbat salbuespen aurreikusten ditu formakuntza ez egiteko: 55 urtetik gora dituztenak eta gaitasun agiria eskatzeko beste urteko esperientzia daukatenak. Litekeena da 50 urtetik gorakoak ere talde horretan sartzea.
Martínezek aipatu du ezusteko ederra hartu zuela formakuntza egin behar zuela esan ziotenean: "Hala ere, familiak erraztasunak eman nahi zizkidan ikasketak egiteko, nik formakuntza eginda haien diru-laguntzak justifikatzea errazagoa delako". Ronquillok ere hori gogorarazi du: "Formakuntza egitearen arrazoia ez da eskubideak bermatzea, familiek diru-laguntzak jaso ahal izateko ziurtagiriak lortzea baizik". Hala ere, azkenean ez dute halakorik egin behar izango, haien esperientzia formakuntzarekin parekatuko dute. Espainiako Estatuko legeekin ere borroka bat baino gehiago dituzte. Alderdi Popularrak, azken orduan, etxeko langileen sistema bereziaren "normalizazioa" egiteko prozesua 2024ra arte atzeratzeko zuzenketa sartzea lortu zuen. Prozesua 2012ko urtarrilaren 2an hasi zen eta erregimen orokorreko kotizazio baseak eta etxeko lanen arlokoak parekatzea zuen helburu nagusi. Aldaketok ez direla politikarien interesekoak uste du Reimbergek. Oso kritiko hitz egin du Carrizok ere: "Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Estatuak egiten duen bezala, esklabo armada bere menera jartzen du".
Baina zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak egoera hobetzeko? Carrizok uste du aukera mordoa dagoela. Hala ere, garbi du ardura osoa ez dela erakundeena: "Zaintzarekiko konpromiso komunitarioa behar dugu". Carrizok azpimarratu du Euskal Herrian zaintza-krisi sakona ez badaukagu, neurri handi batean emakume atzerritarrek egiten duten lanagatik dela: "Nola liteke 30 urteko biloba bere amonarekin gau bat pasatzeko prest ez egotea? Hori da hemen gertatzen ari dena". Martínezek ere uste du hemen gutxi zaintzen dugula elkar: "Niri ordaintzen didate zaintzeko eta seme-alabek eta bilobek nire esku uzten dute haren zaintza guzti-guztia".
Denok behar dugu zaintza gure bizitzako aro guztietan Carrizoren hitzetan: "Amonak ziur fardelak behin baino gehiagotan aldatu dizkiola eta orain 20, 25 edo 30 urteko gaztea ez dago gau bat bera ere amona edo aitona zaintzen geratzeko prest". Horrek eragina duela uste du Carrizok: "Zaintza lanez gain, gertukoen maitasuna jasotzea ere beharrezkoa da". | news |
argia-7c5d94144bc4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/koma-baten-indarra.html | Koma baten indarra | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-07-22 00:00:00 | Koma baten indarra
Alemania, 1870. Erich von Wolf kimikariak hosto berdeko barazkiak aztertu zituen, bakoitzak zenbat burdina zeukan ondorioztatzeko. Ikerketaren emaitzak koaderno batean idatzi zituen eta zerrenda horretan espinakak garbi nabarmendu ziren: 100 gramo espinakatan 35 miligramo burdina zeuden; burdin iturri oparotzat ditugun dilistetan, aldiz, 8 miligramo inguruan dabil. Egin kontu!
1929ko hasieran, AEBetan, Elzie Crisler Segar marrazkilariak sortutako Popeye pertsonaiaren komiki tira argitaratu zen lehenengoz. Komikiak Thimble Theater izena zeukan orduan. Jatorrian marinelak Bernice izeneko oiloaren burua igurtzita lortzen zuen aparteko indarra. Baina 1932an ezohiko energia iturria aldatu zuen Segarrek: handik aurrera espinakak janda lortuko zuen super boterea.
1929ko kraxak piztutako krisialdiaren ondorioz, 1930eko hamarkadan haurren anemia asko hazten ari zen; Popeye eta bere lagunen abenturak haurren elikadura hobetzeko kanpaina ezin hobeak ziren. Gerora bere neskalaguna izango zen Olive Oyl pertsonaiak oliba olioa kontsumitzearen aldeko kanpaina sotila izan zitekeen, baina ez zuen eragin handirik izan. Popeyeren espinaka latek ordea, bai. Barazki horren ekoizpenak eta salmentak gora egin zuen nabarmen; 2006ko ikerketa batek baieztatu zuenez, Popeyeren marrazki bizidunak ikusi ondoren, haurrek askoz errazago jaten dituzte espinakak.
1937an, beste kimikari alemaniar batek, Werner Schuphanek, berriro aztertu zituen barazkien osagaiak, eta espinaken burdin kantitatea 100 gramoko 3,5 miligramo ingurukoa zela ondorioztatu zuen. Von Wolfek lortutako emaitzaren hamarrena zen gutxi gorabehera eta horregatik ondorioztatu zuen beste kimikariari koma bat jartzea ahaztu zitzaiola edota datu horien transkripzio edo kopiaren batean galduko zuela funtsezko koma hori. Baina ordurako datu okerrak egiak baino indar handiagoa zuen.
1981ean Terence J. Hamblin immunohematologo ingelesak artikulua argitaratu zuen British Medical Journal aldizkarian, espinakek duten burdinaren mitoa behin betiko hautsi nahian. Burdin kantitatea pentsatutakoa baino hamar aldiz txikiagoa zela azpimarratzeaz gain, giza gorputzarentzat burdina hori xurgatzea oso zaila dela azaldu zuen: berez, hemoglobinarik gabeko produktuen burdina xurgatzea ez da erraza eta, gainera, espinakek dituzten oxalato gatzek, kaltzioak, magnesioak eta zuntzak are gaitzagoa egiten dute lan hori. Espinakek orotara duten burdinaren %2-7 soilik xurgatzen dugu. "Popeyek burdina nahi bazuen, hobe zukeen espinaka potoen latorria mastekatu izan balu" idatzi zuen Hamblinek.
Ez zuen bere helburua lortu eta egun, oraindik, espinakak burdin iturri nagusitzat jotzen dituzte askok. Eskerrak, burdin ekarpenik egin ez arren, beste propietate onuragarri asko dituztela. | news |
argia-eb94872c3bb5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/olerki-paganoak.html | Olerki paganoak | Andrea Zubozki | 2018-07-22 00:00:00 | Olerki paganoak
Björk musikari islandiarrak 2007an Bilboko Guggenheim museoaren kanpoaldean emandako kontzertuaren kronika.
Garai horretan Björkek Volta diskoa kaleratu berri zuen –disko hori non eta azalean badirudien Björk Orangina botila baten barnerat sartu dela–. Eta disko horretako lehen abestiarekin, Earths intruders , hasten dira Björk eta bere orkestra.
Orkestran bi pertsona makina elektronikoetan, batño pianoan, eta islandiar kobre armada bat eszenaren eskuinaldean. Dozena bat musikari dira hor, tronpeta, tronboi, saxofoi... bata besteari lotuak zangoetan zintzilik dituzten kate batzuekin; esklabo moduan. Dantzan ari dira, elkarren kateak mugiaraziz. Mugitzen ez denak ez baititu kateak sentitzen.
Lehen kantua, ona, kontzertuan sartzeko pausoa eskaintzen digu. Segidan dator Hunted abestia. "Ehizatzen naute" kantatzen digu Björkek. Eta ber momentuan azalari lotzen den plastikozko sare erraldoi bat ateratzen du, eta publikoaren gainerat botatzen. Sarearen bidez, Björken eriek publikoa "manipulatzen" dute.
Kantuen artean " grrrrracias " batzuekin eskertzen gaitu. Heldu dira ondotik Volta diskoko abesti anitz. Hala baita Volta tour . Eta kantu zaharrak? Kobreek Joga kantuaren sarrera hasten dutelarik, nire kezkak airatzen dira. Kobreen presentziak beste kalitate bat ekartzen die kantuei. Gehienetan onerako, baina kolore hori ez zait beti gustatzen.
Formazio berezi horrekin aitzina doa kontzertua, orkestrako musikari bakoitzak bere lana betetzen duela. Haien aurrean, gurean bezala, Björk hor da. Oihuka, emeki, saltoka, musikariengana, publikoarengana; beti mugimenduan, baina momentu eta instante guzien gabe. Ez du fitsik gutxiesten. Denbora perfekzionatzen dabil.
Kontzertuak aitzina, azaleko lurrikara probokatzen dit Pagan Poetry batekin; bukaera super ederra da, Björk beste unibertso batetik kantuz ari zaigu, kobreek koroak egiten dituztela. Eta segitzen dute, barne leherketa nuklear bat eragiten didan hyperballad batekin.
Aipatzekoa da argiekin zer nolako jokoa den; eszenak distira berezia du, baina publikoan ere argiak gainetik pasatzen zaizkigu, eta noiztenka laser batzuek zeharkatzen gaituzte.
" Grrrracias " askoren ondotik eszenatik ateratzen zaigu gure protagonista. Eta berriz etortzen. Baina aldi honetan "eskerrik asko" oihukatuz. Eta Declare Independence abestiarekin segituz. Bi orduko prestazioari bukaera ematen digu All is full of love -ekin.
Gaur egun ez dakit joan nintekeen ikusterat, hainbat arrazoirengatik (pertsonalak, ondorioz, politikoak). Eta ez dut uste merezi duenik... atzo ikusia dut! | news |
argia-877523cad349 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/pitiusetako-sugandila.html | Ibizan uso, euskal kostaldean otso | I�aki Sanz-Azkue | 2018-07-22 00:00:00 | Ibizan uso, euskal kostaldean otso
1990eko hamarkadan behatu zuten lehen aldiz Pitiusetako sugandila Gaztelugatxen, Bermeon. Gizakiak ekarri zuen Ibizatik eta euskal kostaldeko gune berezi horretan askatu. Denbora gutxian eremuaren jabe egin da eta bertako sugandila "etxetik" bota du. Pitiusa uharteetan "uso" dena "otso" bihurtu da gurean.
Gaztelugatxekoa gutxi ez, eta 2005ean Donostian aurkitu genuen, Urgullen. Alarma gorria piztu zen ikertzaileen artean. Ez zen gutxiagorako. Neurriak hartu diren arren, bertan ere antzeko zerbait gertatzeko arriskua dago. Non eta Urgulleko sugandila famatuaren bizitokian…
Gizakiarentzat erakargarri egiten duten ezaugarri guztiak ditu Pitiusetako sugandilak ( Podarcis pityusensis ): kolore berde argiko bizkarraldea, gorputz sendoa, eta, noizbehinka, urdin koloreko ezkatak aldeetan. Euskal kostaldean aurki daitezkeen hiru sugandila espezieekin alderatuz estetikoki oso deigarria da; terrarium zaleentzat, erakargarria.
Gaztelugatxeko eskaileretan Pitiusetako sugandila da orain turistei harrera egiten diena, bertako
horma-sugandila
etxetik bidali baitu
Narrasti hau lehen aldiz Euskal Herrira ekarri zuen pertsonak zein intentziorekin egin zuen ez dakigu, baina utzi, leku hobean –edo okerragoan, ikuspuntuaren arabera– ezin zuen utzi. Gaztelugatxeko Biotopo Babestuan aurkitu du sugandilak bere Ibiza.
Segituan moldatu zen ingurunera. Hain ondo moldatu gainera, ezen bertan bizi zen horma-sugandila ere ( Podarcis murali s) bota egin baitzuen. Inbasioa gauzatua dago jada. Kostako zaio horma-sugandilari bere jatorriko lekua berreskuratzen. Gaztelugatxeko eskaileretan Pitiusetako sugandila da orain turistei harrera egiten diena.
Sugandila lorejalea
Arrazoi asko daude Ibizatik ekarri eta askatua izan den sugandilak bertakoa zergatik bidali duen azaltzeko. Batetik, handiagoa, sendoagoa da; eta, bestetik, bertakoak ez bezala, Pitiusetako sugandilak nektarra, loreak eta fruituak jaten ditu, intsektuez gain. Leku gutxian aukera gehiago du bazka lortzeko eta beraz, bizirauteko.
Klima izan zitekeen etsai nagusietakoa animalia kanpotarrarentzat. Gaztelugatxen, ordea, itsasoaren gertutasunak neguak epeltzen ditu, eta kareharrizko harkaitz eta sasitza eguterak bizitoki ederra dira berarentzat
Klima izan zitekeen etsai nagusietakoa animalia kanpotarrarentzat, edota harrapakari handien presentzia. Gaztelugatxen, ordea, itsasoaren gertutasunak neguak epeltzen ditu, eta kareharrizko harkaitz eta sasitza eguterak bizitoki ederra dira berarentzat. Euri-tasa altuagoetara eta eguzki-tasa baxuagoetara moldatu da espeziea.
Etsai askorik ere ez du inguruan, hegazti batzuk salbu. Azken finean, Gaztelugatxe irla txiki bat da, eta Pitiusetako sugandilaren etsai eta konpetentzia nagusiak liratekeenak –suge leuna edo schreiber muskerra kasu– irlatik kanpo daude, kostaldean. Gaztelugatxeko zubi txikiraino zabaltzen da Pitiusetako sugandilaren erreinu txikia. Zubiaren bestaldean zain du horma-sugandila, berriro ere irlara sartzeko momentuaren zain balego bezala: sugandilen Tronu dema k ez du etenik. Baina, dudarik gabe, Ibizatik etorritako sugandila kostara ez zabaltzea litzateke berririk onena.
Iñaki Sanz-Azkuek ateratako argazkian ikus dezakegu Pitiusetako sugandilaren neurria.
Donostiako Urgullen ere lekutu da
Donostiako Santa Klaran eta Urgullen dauden sugandila arreak bereziak dira. Baina konpetentzia handia jarri zion gizakiak: Pitiusetako sugandila. Pixkanaka, Urgullen sarturiko espeziea zabaltzen joan da
Gipuzkoako hiriburuak ere badu bere irlatxoa, Santa Klara. Bai eta garai batean irla izan zena ere: Urgull mendia. Bi horietan dauden sugandilak lupaz begiratu izan dituzte urteetan zehar adituek. Izan ere bertako sugandilak, sugandila arrea ( Podarcis liolepis ) izenekoak, ezberdinak dira ingurukoekiko: handiagoak, sendoagoak, ilunagoak kasu batzuetan… eta berezitasun horiek bultzatu zuten 1980ko hamarkadan azpiespezie ezberdintzat hartzera: Podarcis hispanica sebastiani jarri zioten izena. Azken urteetan egindako ikerketek azpiespeziea dela dudan jarri badute ere, inork ez du ukatzen Urgulleko sugandilak bereziak direnik.
Lasai bizi ziren duela gutxi arte. 2005ean, baina, konpetentzia handia jarri zion gizakiak. Pitiusetako sugandila ar bat lehendabizikoz Urgullen ikusi zutenetik, pixkanaka, sarturiko espeziea zabaltzen joan da, nahiz eta ez den Gaztelugatxen adina ugaritu.
Urgullekoak Gaztelugatxetik ala Ibizatik datozen jakitea oso zaila da. Baina espezie kanpotar bat eremu batean sartzen den unean, eta, kasu honetan bezala, espezie deigarria denean, berau inguruko lekuetara zabaltzeko arriskua handitu egiten da. Gero eta gehiago mantendu espeziea gune batean, orduan eta aukera gehiago daude gizakiak inguruko beste eremu batera eramateko. Espezie kanpotar inbaditzaileak detektatzean azkar erreakzionatzea komeni da, arazoa ez handitzeko.
Urgullek eta batez ere Gaztelugatxek azken urteetan jasan duten turismoaren igoerak, noski, ez du batere laguntzen. Gero eta jende gehiago inguruan, orduan eta arrisku handiagoa berau beste tokietara zabaltzeko –nahita edo nahi gabe–.
Ibizan uso…
Pitiusa irletan dauden narrasti horren azpiespezie gehienak mehatxatuta daude. Gurean espezie kanpotar inbaditzailea dena, bere jatorriko eremuan espezie babestua da eta funtzio ekologiko garrantzitsua betetzen du: landareen haziak zabaltzen ditu.
Espezie kanpotar guztiak ez dira inbaditzaileak, baina dagoeneko Ibizatik ekarritako sugandila honek baldintza guztiak bete ditu hala izendatua izateko. Azkar moldatu da gure ingurunera, ugaldu egiten da, eta bertako espeziea bere lekutik botatzen ari da. Kasu honetan hori da egundaino ikusi dena, baina ez dago garbi etorkizunean espeziea gurean sartu izanak eraginik izango ote duen inguruko ekosisteman. Landareen haziak barreiatzeko duen gaitasunak landare espezie jakin batzuei egin diezaieke mesede, beste batzuen kalterako. Asko izan daitezke ikertzaileen begiei ihes egiten dieten ondorio txikiak.
Itsas mihiluaren ("Crithmum maritimum") gainean, Gaztelugatxen.
Eta orain zer?
Pitiusetako sugandila Gaztelugatxen sartu zenean, ez zen inongo erreakziorik izan, eta denbora gutxian, irla konkistatu zuen. Urgullekoa jakin bezain laster, ordea, Aranzadi Zientzia Elkarteak espeziea sartua dagoen bi lekuetan jarri zituen martxan hura kontrolatzeko proiektuak.
Aranzadik, Bermeoko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gaztelugatxen urteak daramatzate bertako sugandilen populazioa ikertzen eta kontrolatzen
Aranzadiko Herpetologia Sailak Bermeoko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin Gaztelugatxe inguruan urteak daramatzate bertako populazioa hobeto ezagutzeko ikerketak burutzen, eta, era berean, sugandilaren populazioa kontrolatzeko lanak egin eta proiektua ezagutarazten. 2008-2012 urteen artean 825 ale harrapatu zituzten. 2017an soilik, 726. Garbi dute desagerraraztea ezinezkoa dela. Luzerako edukiko dugu Pitiusetako sugandila.
Egun, esperimentaziorako eta ikerketarako bide ezberdinak irekiak dituzte, gertaturikoari buruzko datuak bildu, eta ahal den heinean, neurriak hartzeko. 2008an hasitako lanak aurrera doaz, eta Espainiako Doñanako Estazio Biologikokoen laguntza ere izan dute, berau inbasio biologikoei buruzko ikerketarako adibide ona baita.
Espezie kanpotarrak saltzeko merkatuak, espezie basatien etxekotzeak eta horiek edozein lekutan askatzeak kalte ekologiko larriak sor ditzake
Urgullen, aurkitu bezain laster hasi ziren kontrol lanak egiten Aranzadiko Herpetologia Saileko kideak. Bertako sugandila arrearen egoerak, gainera, horretara bultzatu zituen, eta segituan hasi ziren neurriak hartzen Donostiako Udalarekin batera. Ale kopurua asko handitu ez den arren, egun, Pitiusetako narrastiaren populazioak bertan darrai, baita Urgulleko bertako sugandilarenak ere. Etorkizunak esango du zer pasako den. Ugal garaian behintzat, ikusi izan dira Ibizako sugandila handiak bertakoei eraso egiten, eta gune onenetatik botatzen. Handienaren legea…
Espezie kanpotarrak saltzeko merkatuak, espezie basatien etxekotzeak eta horiek edozein lekutan askatzeak kalte ekologiko eta ekonomiko larriak sor ditzake ingurune batean. Onar dezagun: Pitiusetako sugandilak badu bera baino "otsoa"goa denik inguruan: gizakia. Azken finean, gu gara espezieen kontrol gabeko mugimenduaren arduradunak. Sugandilari buruzko ikerketak, jarraipenak eta kontrol-lanak ez dira nahikoa izango dibulgazio egokirik egiten ez bada. Pitiusetako sugandilaren kasua gertuko eredua da, eta, era berean, oso baliagarria zer egin behar ez dugun jakiteko. Ez da gutxi. | news |
argia-5e706eb38f55 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/laura-perez-nafarroako-podemos-ahal-duguko-idazkari-nagusi-ohia.html | "78ko Erregimenaren beste makulu bat izaten amai dezake Podemosek" | Xabier Letona | 2018-07-22 00:00:00 | "78ko Erregimenaren beste makulu bat izaten amai dezake Podemosek"
Hiru urte pasatu dira Laura Perezi (Iruñea, 1980) Iruñeko Calisto tabernan elkarrizketa egin genionetik. Orduan ez zen artean Nafarroako Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusi, orain ere ez. Baina bi urtez izan da Nafarroako buru, iragan otsailean kanporatu zuten arte. Energia handiko emakumea da Nafarroako foru parlamentaria. Zazpi parlamentariotik lau dira soka berekoak, gehiengoa; alabaina, alderdi oso batekiko lehiaren nekea antzematen zaio bere jardunean.
Gauza asko gertatu zaizkizu azken urtebetean. Nola sentitzen zara?
Oso hilabete gogorrak izan dira eta ukitua iritsi naiz oporren atarira. Badut zer hausnartu eta pentsatu. Gertaeren abiadak sarri ez digu ondo pentsatzen uzten eta espero dut orain oporren lasaitasunean hori egin ahal izatea. Baikorra naiz eta espero dut gai izango garela aldaketarako beharrezkoa izan zen Ahal Duguk okupatu zuen espazio politikoa elkarrekin aurrera ateratzeko eta handitzeko, horretarako siglak edo alderdi-formulak gainditu behar badira ere.
Pasatu zara alderdiko idazkari nagusitik alderditik kanporatua izatera.
Idazkari nagusia nintzenean ez nuen sinetsi inoren gainetik nengoenik eta gero ni txikitzera etorri direnean ez dut onartu izan haiek eraikitako errelatoa. Ni oso lasai nago nire kontzientziarekin, beti egin izan dut zegokidana eta, hainbatetan, gehiago ere bai.
Hasieratik Nafarroako iritziak Madrilgo Podemosekoen gainetik izan ziren. Madrilen ez zuten nahi hemen Podemos izenarekin aurkeztea, baina guk bai, eta gurea atera genuen. Hasiera batean nik ez nuen parlamentaria izan nahi, baina azkenean Madrilgo jokaera ikusirik, behartu nuen nire burua hor egotera, talde parlamentario sendo bat antolatzeko, behar izanez gero Madrilgo Podemos desobedituko zuena, honek EH Bildurekin ez egiteko itunik agintzen bazigun. Orain, bai Madrilen bai hemen PSN eta Geroa Baira gerturatzen ari dira.
Hurrengo hauteskundeei begira ere bai?
Gure susmoa da Podemosek bultzatu nahi duela akordio berri bat PSNrekin eta Geroa Bairekin. Beti lor daitezke akordioak, baina defendatzen dugun Ahal Duguk ez luke gobernu itunik egingo PSNrekin. Eta hurrengo gobernua EAJk kontrolatzen duen –adibidez giltzarri den alor ekonomikotik– indar baten esku izatea ere zalantzan jartzen dugu.
"Gobernuarekiko desadostasunean sarri erabili izan da xantaia –"aldaketa edo kaosa"– Geroa Bairen ikuspuntua aurrera ateratzeko, beste hiru alderdiak kontra izanda ere"
Geroa Baik ez du esaten publikoki, baina gehiengo berri hori nahi du. 2017ko aurrekontuetan oso argi ikusi genuen hori. Funtzionarioen aparteko lan-saria onartu zenean, Geroa Baik nahi izan zuen bi zuzenkearen truke PSNren sinadura ere akordio hartan sartzea, eta honek aurrekontuak onartzea. Guk ez genuen onartu.
Gobernua sostengatu dugun lau alderdiok kontraesan asko irentsi behar izan ditugu. Desadostasunean sarri erabili izan da xantaia –"aldaketa edo kaosa"– Geroa Bairen ikuspuntua aurrera ateratzeko, beste hiru alderdiak kontra izanda ere; eta hori zalantzan jarri izan dugunok deserosoak izan gara. Politikan esan behar da noraino irits zaitezkeen, eta aurrerago egin ezin bada, azaldu behar da zergatik.
Madrilgo bultzada aipatzen duzu. Nola kokatzen da hor Nafarroako Ahal Duguko zuzendaritza berria?
Ez da Madril bakarrik, hemengoak ere buru-belarri ari dira saio horretan. Adibidez, Eduardo Santosek Nafarroako Legebiltzarreko eserlekua utzi zuen Madrilera parlamentari joateko, bera hemen egoteko hautatua izan zenean. Hemengo komunitatearekin hartu zuen konpromisoa, baina Madrilera joan zen. Hemen geratu behar zen. Hori guztia nik ezer jakin gabe egin zuten. Nik beti defendatu izan dut Nafarroan prozesu konstituziogilea bultzatu behar dela eta horretarako oso gehiengo sozial handien aliantza behar dela, baina Madrilen, esaterako, beti egin izan diote uko EH Bildurekin akordioak egiteari. Nafarroako Ahal Duguren oinarriek, ordea, Geroa Bairi egiten zioten uko.
"Pablok eta Irenek iparra galdu dute, baina larriena da beren kongruentzia eza alderdiko oinarrietara eraman dutela, hauei xantaia eginez: "edo bozkatzen nauzu edo banoa". (Argazkia: Josu Santesteban)
Legealdi honetan egindakoetatik, zu zerekin zaude gustura?
Batez ere guk bultzatutako lorpen ekonomikoekin nago gustura. Adibidez, Santander Bankuarekin Nafarroako Gobernuak zuen zorra berriz negoziatu zenean, altxor publikoak diru asko aurreztu zuen. Hasieran Ogasun sailburuak ez zuen negoziatu nahi, baina azkenean lortu genuen eta hamar milioi euro gutxiago ordaindu ziren. Zerga iruzurraren jarraipena egiteko diru gehiago gastatzea lortu dugu, baina horren ondorioz zortzi milioi euro ere berreskuratu dira.
Zor publikoaren auditoriaren gaian egindako lanaren ondorioz informazio kopuru handia eskuratu dugu eta ikusi dugu zor publikoaren 191 milioi euro bidegabeak direla. Bere garaian Nafarroako Gobernuko funtzionarioei lan sari gehigarria emateko gure presioa giltzarri izan zen. Hainbat zirrikitu izan dira, batez ere legealdiaren hasieran, presio ahalmen handiagoa genuenean. Gero, Ahal Duguko gure barne desadostasunek presio ahalmen hori nabarmen txikitu dute.
Zer da egia, zer gezurra alderdian egin dizkizuten akusazioetatik.
Podemoseko Berme batzordeak forma eta sakoneko akats asko ditu. Formazkoak: nire aurkako auziak aurrera egin ahala akusazio mordoa gehitu dituzte, baina nire burua defendatzeko frogak aurkezteko aukerarik eman gabe. Nire duintasunarekin eta ohorearekin jolastu dute haien helburuak lortzeko eta alderdiko sektore bat alboratzeko.
Legebiltzarreko bozeramaile karguaren aldaketa ez onartzea, Legebiltzarreko hezkuntzako lan-batzordean zure alde egitea eta beste hainbat gauza leporatu dizkizute. Damutu zara egindako zerbaitekin edo gertatutakoa ikusita bestela egingo zenukeen orain?
Egindako guztia berriz ere egingo nukeen. Bozeramaile aldaketa eztabaidatu nuen Legebiltzarreko araudiaren aurka egin zelako –bere lehendakaria buru gainera– eta gure talde parlamentarioari adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa ukatu zitzaizkigulako. Beste gauza askorengatik ere zigortu naute, besteak beste, parlamentario gisa urriaren 1ean Kataluniako Erreferendumaren aldeko idazki bat sinatzeagatik edo zerga erreforma alderdiaren bizkar bideratzea leporatuta… jazarpena egin didate.
"CAPari buruz Legebiltzarrean hartutako erabakiek ez zidaten niri eragiten, baina bai zerrendetatik kanpo geratu ziren beste 2.400 irakasleri, eta horiei begira ari nintzen"
Gaitasun Pedagogikorako Agiriaren kurtsoa (CAP gaztelaniazko siglan) izan zen eztabaidatuenetakoa, zure onurarako baliatu zenuela leporatu zizuten.
Leporatu zidaten UPNrekin bat egitea. Hauek urtebeteko moratoria eskatzen zuten eta nik bikoa, eta unibertsitate publikoan behar beste plaza eskaintzea kurtso hau egin ahal izateko. Zergatik? Niri gertatutakoa ez gertatzeko, ni jadanik CAP egiten ari bainintzen, baina 5.700 euro ordainduz. Hartutako erabakiek ez zidaten niri eragiten, baina bai zerrendetatik kanpo geratu ziren beste 2.400 irakasleri, eta horiei begira ari nintzen ni, ez delako justua baldintza horiek eskatzea eta dirutza horiek ordainaraztea.
Niri irekitako zigor espedientea zentzugabea eta erabat konplexua da, eta erakusten du denbora itzela erabili dutela frogen muntaia erraldoi bat eraikitzen; nire burua defendatzeko frogak erakutsi ditudanean, aldiz, ez zaizkit kontuan hartu.
Azkenean Patent Box auziarengatik kanporatu ninduten. Geroa Baiko Manu Ayerdik azken orduko bi proposamen sartu nahi izan zizkigun Patent Box hauei buruz, enpresa handien mesederako zirenak. Ezetz esan genion Ahal Duguko talde ekonomikotik, gure hauteskunde programaren aurkakoak zirela; baina azken unean, Eduardo Santosek baiezkoa eman zuen Geroa Bairekin bere kabuz egindako bileran. Osoko bilkuraren egunean, Eduardo Santosek eskatu zidan nik ere sinatzea zuzenketa horiek eta nik ezetz esan nuen. Azkenean Geroa Baik aurrera atera zituen zuzenketak, baina UPN, PP eta PSNren sostenguarekin.
Iglesias-Montero eta beren txaleta izan da azken kapitulu korapilatsua Espainian.
Iglesiasek zioen Moncloara helduta ere, handik ateratzean Vallecasera itzuliko zela, eta gero ikusten duzu txaletaren auziarekin… Errealitatetik asko urrutiratu direla uste dut, besteak beste halako hipoteka batean sartuz, askatasun ekonomikoa oso garrantzitsua baita askatasun ideologikorako. Bera urrundu egin da berak eraldatu nahi duen mundu horretatik eta, beraz, gero oso zaila da mundu hori ulertzea eta ordezkatzea. Politika gatazka da, eta botereari aurre egiten badiozu honek ere zure aurka egingo du. Pablok eta Irenek iparra galdu dute, baina larriena da beren kongruentzia eza alderdiko oinarrietara eraman dutela, hauei xantaia eginez: "edo bozkatzen nauzu edo banoa", "edo onartzen duzu egindakoa edo eskuin muturreko medioekin zaude".
"Egiturazko arazoetan gobernu honek ez du sakoneko aldaketarik egin eta, Ayerdiren bidez, EAJk esparru ekonomikoa bere kontrolpean izan du"
Oro har, nola jokatu du Nafarroako Gobernuak akordio programatikoa betetzerakoan?
Egiturazko arazoetan gobernu honek ez du sakoneko aldaketarik egin eta, Ayerdiren bidez, EAJk esparru ekonomikoa bere kontrolpean izan du. Hezkuntza kontzertatuarekiko harremana berdin mantendu da, azpiegitura politikak ere antzekoak izan dira eta Enpresa Publikoen Korporazioan ere berdintsu aritu dira. Zerga politikan lortu ditugu aurrerapausoak ordainketa mailakatuan, baina sozietate zergan ez, batez ere enpresa handietan; jarraitzen dugu biltzen bost aldiz gehiago pertsonen zergetatik enpresen zergetatik baino. Zor bidegabearen gaia ere ez dute ezer ukitu nahi izan. Zertarako balio du botere demokratikoa izateak gero ez bazara ausartzen xantaia egiten dizuten botere ekonomiko horiei aurre egiten?
Ia esaten ari zara ez dela aldaketarik egon, baina egon da, eta herritarrek argi antzeman dute.
Bai noski, egon da aldaketa. Aldaketa handiena izan da UPN gobernutik kanporatzea. Erakutsi dugu, halaber, desberdinen artean posible dela gobernu akordioetara iristea. Hemen hainbeste madarikatu izan den abertzaletasuna gobernuan izan daitekeela eta ez dela ezer gertatzen. Baina batzuek uste dugu askoz harago joan zitekeela eta batzuetan aldaketa lasaiak aldaketa izoztu dezakeela. Orain Geroa Baik dio PSN integratu behar dela aldaketan, baina orain arte PSNk guztiz egiten du bat gai garrantzitsuenetan UPNrekin, izan alor identitarioan edo ekonomikoan.
"Madrilen ez zuten nahi hemen Podemos izenarekin aurkeztea, baina guk bai, eta gurea atera genuen". (Argazkia: Josu Santesteban)
Zuen liskarrak asko kezkatzen du aldaketaren aldeko gizartea, indarrak oso parekatuak izanik orain ea zer gertatuko den galdetzen da kalean.
Gure barne gatazka osoan horrek kezkatu nau bereziki. Ahal Dugu indartsu eta batua giltzarri izan zen aldaketan, eta orain alderdiak sektore handi bat baztertu du. Nora joango gara gu? Zeini emango diogu botoa?
"Ahal Dugu indartsu eta batua giltzarri izan zen aldaketan, eta orain alderdiak sektore handi bat baztertu du. Nora joango gara gu? Zeini emango diogu botoa?"
Baduzue buruan alderdi berri bat sortzea?
Ez. Egungo zuzendaritzaren beste gezur bat da hori, gu kakazteko. Ahora Navarra-Orain Mugituz taldean Ahal Dugukoak direnak eta ez direnak bildu daitezke; hori zen hasieran Ahal Duguren funtzioa. Alderdi bat gehiago bilakatu da Podemos-Ahal Dugu: 78ko Erregimenari amaiera eman nahi zion, baina egun, haren beste makulu bat bilakatzeko arriskua du. Asko gara honen kontrakoak eta lehenago edo beranduago hasierako Podemos berrasmatu beharko da.
Baina ez zu, ez beste asko, ezin izango zarete Ahal Dugun aurkeztu.
Hala da bai. Ezker Batua, Batzarre eta Equorekin ari dira josten akordioa; oinarrietatik egindako hautagaitza bat baino, goitik behera egindako saioa. Nafarroan eman zen aldaketan sakondu ahal izateko, fronte zabal bat beharko genuke, helburu programatikoetan oinarrituta, gure berezitasunak eta hemengo erabakitzeko eskubidea errespetatuz. | news |
argia-8caa77327a97 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/othman-alfredo-musulman-bilakatua.html | "Musulman izateak gaur eta hemen migratzailearen zama gainean eramatea dakar" | Jabi Zabala | 2018-07-22 00:00:00 | "Musulman izateak gaur eta hemen migratzailearen zama gainean eramatea dakar"
Soziologian lizentziatua, gazte mugimenduan eta euskalgintzan ibilia, duela urte batzuk islamera hurbiltzen hasi eta egun musulman praktikantea dugu Othman Alfredo Gomez-Cambronero Kortazar (Bilbo, 1969), Othman izen arabiarra agirietan ere gehituta. Islamera iristeko bere ibilbide pertsonalaz eta nagusiki etorkinek osatua den komunitate islamikoaren kezkez jardun dugu berarekin.
Alfredo gaztearen ibilbidea gazte mugimendutik pasatzen da...
Lehenengo, aiton-amonek galdutako euskara berreskuratu behar izan nuen, umetan Madrilen bizi izan bainintzen urte batzuetan. Bueltatu eta euskaltzaletasuna gogor piztu zitzaidan. Gazte, okupazio eta ikasle mugimenduetan ibiltzeak markatu ninduen, heziketa sozio-politikorako ingurune aproposa izan zen hura, bizia eta trinkoa. Garai hartan Martxa eta borroka leloari lotuta bizi izandakoa egun Europan topatzea gaitza da, herri txiki eta berezi batean bizi izan gara.
Nolakoa izan zen musulman bihurtzeko zure bidea?
Kristautasun katolikoa praktikatzen duen sei neba-arrebako familia batean seme nagusia naiz eta heziketa kristau katolikoa jaso nuen. Nerabezaroan, gogoan dut islamaren profeta den Aisarekin [Jesusekin] amets egin nuela eta islamaren berri zuzena eman zidan The Message filmak. Orduan eliza katolikoaren jokabide politikoarekiko desadostasunak eta doktrinari buruzko zalantzak handitu zitzaizkidan. Praktika erlijiosoa eten nuen, kristautasunaren adarren ezagutzan sakondu bitartean. Gero, soziologia ikasketak egitean erlijioaren eta sinesmenaren ondorioei buruzko ikuspuntu batzuk ezagutu nituen, tartean Max Weber-ek kapitalismoaren sorreran erlijioak izandako eraginari buruzko ikerketak eta historiako lehenengo soziologotzat har daitekeen Ibn Khaldun Al Andaluseko pentsalariarenak.
Noiz bihurtu zinen erabat musulman?
Nire burua musulmantzat jotzen hasi eta 34 urterekin shahada edo fedearen testigantza egin nuen. Geroztik musulman bezala bizitzen ikasi eta horretan ahalegindu naiz. Birritan ezkondua naiz; bigarren emaztearekin hiru seme-alaba izan ditut.
Etorkin askorekin duzu harremana. Soziologo musulman moduan ikuspegi berezia lortu duzu etorkin musulmanen pentsamoldeak ulertzeko?
Soziologo legez, komunitatearen gaiak "barrutik eta neure larrutan" bizitzeko aukera daukat, eta esan beharra dago hori oso aberasgarria dela errealitate jakin bat aztertzera hurbiltzen den gizarte arloko ikerlari batentzat. Gure komunitatearen kide gehienak etorkinak eta etorkinen ondorengoak dira. Musulman izateak gaur eta hemen migratzailearen zama gainean eramatea dakar. Eta horrek etorkinak ez garen musulmanongan ere eragina dauka, izan ere, benetako komunitate sozioespirituala izateko gure anai-arreben arazoak gizarteratu behar ditugu; osterantzean, ez gara benetako musulmanak. Herri-erakundeek, sarri, gure eskaera eta beharrizanak "etorkinen arazo-multzoan" sartzen dituzte, batzuetan modu kontzientean ez bada ere, nahiz eta fenomeno hori gero eta gutxiagotan ematen den.
"Oso garrantzitsua da gure auzoetan batzen gaituena lehenestea eta bereizten gaituena aukera gisa eta ez arazo-iturri bezala jartzea". (Argazkia: Aritz Loiola)
Zerk atsekabetzen ditu hemengoon ohitura eta jarreretatik?
Gaur egungo gizarte postmodernoaren espiritualtasunik ezak eta indibidualismoak dakarren gizarte harremanen haustura dira gure gizartearen ezaugarri zailenak gure komunitatearen kide askorentzat, izan ere, haietako asko oraindik gizarte harreman sendo eta aberatsak dituzten herrialdeetatik duela gutxi heldutakoak dira eta haiekin iritziak alderatzeko aukera izaten dudanean, sarritan agertzen da kontu hau. Nik, ostera, gure herrian duela belaunaldi bat kontuak nahiko desberdinak zirela esaten saiatzen naiz, batez ere, familiaren antolaketari eta auzokoen arteko harremanei dagokienez, baina sinesgaitz egiten zaie.
Meskiten aurkako arbuio adierazpen batzuk eta, are, eraso batzuk izan dira. Nola interpretatzen dituzu?
Europako mendebaldean orokorra da islamarekiko eta musulmanekiko mesfidantza, arrazoi historikoak direla medio, Al Andalusen lurralde osoan eta Europako hego-mendebaldean islamaren praktikak lagatako ondarearen eta haren debekuak eragindako zaurien ondorioz. Iberiako herri edo nazio guztietan, bakoitzean bere neurrian, hori ematen da eta kolonizazioaren inguruko traumek gehi etorkin musulmanen ekarpen soziokulturalaren kudeaketa bidegabeak handitu dute mesfidantzazko harremana.
Zer nolako ekimenak behar dira loturak ezartzeko eta daudenak indartzeko?
Bizitza pertsonala eta publikoa antolatzeko estrategia berriak behar dira. Oso garrantzitsua da gure auzoetan batzen gaituena lehenestea eta bereizten gaituena aukera gisa eta ez arazo-iturri bezala jartzea. Instituzioak gure komunitatearen beharrizan, arazo eta eskaeren kudeaketa "hemengo" arazoa direla ohartzen hasiak dira. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak Ados Aholku Batzordea sortu berri du EAEko islamiar komunitatearekin erakundeek dituzten harremanak modu bateratuan antolatzeko. Giza Eskubideen Zuzendaritzako arduradunek, gizarte arloko ikerlaria eta musulmana naizenez, Ados Batzorde horren kide izendatu naute. Bertan, aitortu behar dut ez naizela inoren ordezkari, aholkulari boluntarioa baizik. | news |
argia-6543ac5ffd93 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/juana-bixenta-ez-etsi.html | Juana Bixenta, ez etsi! | Itxaro Borda | 2018-07-22 00:00:00 | Juana Bixenta, ez etsi!
Jon Garaño eta Aitor Arregiren 2017ko Handia filmak XIX. mende erditsuko Gipuzkoa sakoneko –halakorik baldin bada– giroa hedatu zigun pantailetan: etxetiarren pobrezia larria, jabeen opulantzia, bakoitza berea ateratzen saiatzen zela, batzuek anaia baten akromegalia txanpon trukean maneiatzen zutela eta besteek, Juana Bixenta Olabe distiratsuaren pare, finean Nagusi Jaunarekin ezkontzea lortzen zuketela!
Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" erraldoiaren bertsoek, goseak larrutzen zuen euskal baserritar jendartearen muineraino eramaten gaituzte. Hogeita bat koplatan sortzen digu egoera bitxia: ez dakigu zertan dabilen Nagusi Jauna, etxetiarren saria ezin ordainduz datorren Juana Bixenta alaba gazte ederraren aurrean. Sozietate kristauak baimentzen zuen happy end batekin bukatzen da sesioa, Nagusi Jauna eta Juana Bixenta elkarrekin ezkonduko baitira eta handik hilabete gutxira haur bat munduratuko dute.
Dama gaztiak, ez egon lotan,
begira zaitezte ispilu hontan:
gustatuta bertute ederra
andretzat hartu bere maizterra
du nagusiak:
horla irabaztera graziak
saia zaitezte beste guziak.
Aholku ederra ematen du Bilintxek eta funtsean, kontatzen diguna lurra lur denetik antza, funtzionatzen duen zerbait da. Honakoa, emakumeek nahitara ala nahi gabe zurubi sozialean gora hupatzeko erabiltzen duten baliabideetako bat dugu, Hollywooden edo lan-tokietan ere erabiltzen dena, teorian emazteen gain uzten delarik sedukziorako joera. Promotion canapé deitzen zaio eta duela gutxi arte jendarteak onartzen zuen. Alderantziz balitz alta? Gizonezkoek balute beraien botere eta ar indarra balantzan jartzen, emakumearen egikera bideratzeko? #NiEre edo #SalatuZureUrdea traolek hitza askatu dute hondar hilabeteotan eta aukeraz aprobetxatuko gara Juana Bixenta Olaberi jarri zaion alegiazko anbiziotsu maskorra kentzeko.
Bertsolari donostiarraren koplak Juana Bixenta eta Nagusi Jaunaren arteko elkarrizketa mamitsuz osatuak dira, une batez Nagusi Jaunaren mutila edo morroia ere sartzen dela solasaldian, Juana Bixenta onik eraman zuela gurasoen etxera ziurtatzeko.
Aingeru hari lagundu eta
horra, jauna, egin ostera buelta.
Bidean bai, beldurtxo zen bera
baina ailegatuta etxera
kontentu zegon.
Orain kezketan ez du zer egon
ohera joan ta pasatu gau on.
Bilintxek, nagusi eta subalternoen artean gertaturiko bortxaketa –sinboliko ala erreala?– baten lekukotasuna ekartzen digula suma dezakegu. Ez da testuan biolentzia horren aztarnarik ageri, baina gure idazle erromantikoak, bakarra agian euskal literaturan, agituaren hegi zorrotz eta mingarriak leundu eta urtuko zituen bere diskurtso lainoan. Hasieratik beretik ikusten da Nagusi Jauna fabore baten eske datorren neskaren amainatzeko zereginetan galtzen:
– Nagusi Jauna, hauxe da lana,
amak bidaltzen nau berorrengana.
– Ai, bidaliko bazinduke maiz!
Zu ikusita kontsolatzen naiz.
Sinista zazu
oso zoraturikan naukazu!
Horren polita nola zera zu?
Amak zergatik bidaltzen duen bere alaba nagusi jaunari etxe-saria ordaintzeko epea atzeratzeko mesedea eskatzera, zergatik ez doa bera edo bere senarra? Ama horren itxura arketipikoa dela erran genezake: amak ezkonduak, amak salduak, amak igorriak franko baitira euskal kantetan. Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi".
Irudikatu behar da horrelako konplimendua entzuten duen emakumearen erreakzioa. Ezer erakutsi gabe askotan barne-barnetik desarmatua bezala sentitzen da, ez dakiela nola eman lehen dantza urratsa. Bat batean, Juana Bixentaren bihotzean bi borondate kuzkatzen dira: amarena eta nagusi jaunarena. Galdera oraino zera liteke: amak zergatik bidaltzen duen bere alaba nagusi jaunari etxe-saria ordaintzeko epea atzeratzeko mesedea eskatzera, zergatik ez doa bera edo bere senarra? Amak ere inplizituki badakike alabaren edertasun fisikoak nagusia beratuko duela. Ama horren itxura arketipikoa dela erran genezake: amak ezkonduak, amak salduak, amak igorriak franko baitira euskal kantetan.
– Amak esan dit, etxeko errenta
pagatzeko dirurik ez zuen-ta,
ia egingo dion mesere,
hilabetean gehienaz ere,
itxoitea:
Bada zierto dala ematea
Pasa baino lehen hilabetea.
– Logratutzea, erraz halare,
nahiz hori ta beste zernahi gauza're,
seguru dela esan amari,
zu baldin bazatoz mandatari;
dudarik gabe
neure borondatearen jabe
zu zara Juana Bixenta Olabe.
– Beraz bertatik noan etxera
poz handi bat amari ematera;
orain ariyo, nagusi jauna,
presaka joan bihat amagana.
– Ez zoazela!
Portatu zaite nik nahi bezela,
gaur etxera joan ez zaitezela!
Nagusi Jaunak Juana Bixenta presionatzen du portatu zaite nik nahi bezala gomendatzen diolarik. Bortxa edo gorenetik apalenera harilkatu indarkeria susmoa hemen errotzen da. Hain gozoa eta hitzetan zabala zirudien gizona une honetan zakar azaltzen da, bere kutizia neskaren begitartera aurtikitzen duela! Baina, astuna den arren, jendetasuna zaintzen badaki: Juana Bixentaren etxea urrun dago, zer egin behar du gauez, beldurtua, peligro haundiz bertsoak dioenez. Bere ontasunak ere azaltzen dizkio: Malagatik etorri ardoa, afari oparoak, hamasei duroko urre fina… eta berriz berotzen da, Juana Bixentaren ohorea zalantzan jartzeraino:
– Ezetz etsia egon liteke
ni hemen gelditu ezin ninteke;
amak espero nau gauerako
eta hark espero nauelako
joan behar dut nik;
alaba ikusi bagetandik
amak izango ez luke onik…
…
– Gainera berriz, Juana Bixenta,
utziko dizuet etxeko errenta
kito zor didazuten guzia
kunplitzen banazu kutizia.
– Lotsa gogorra!
Sufritzen dago gaur nire honra
penaz malkuak darizkit horra!
Azkenean, bere burua defendatzeko Juana Bixentak, abila baita, Nagusi Jaunaren afruntuak ofentsatzen duela agertzen dio, salbatzearren biktimizatzen du bere burua. Etxeratuko da morroiaren konpainian eta handik hamar egunetara, amaren baimenarekin, bi gazteak ezkonduko dira elizan eta jendea franko bazuten jiran . Zoriontsu daude eta espero dute haurtxo bat aurki . Bilintxen kontseilu ironikoa orduan dator: graziak irabaztera saia zaitezte beste guziak.
Xabier Letek (1945-2010) osorik abestu eta grabatu zuen Juana Bixenta Olabe bertso sailean alegrantzia eta tragedia susmatuarekin jostatzen da. Galdera geldituko da airean: erromantizismoak eta ironia samurrak ez ote dute klase sozial ezberdinetako gizon eta neska gaztearen arteko bortxazko harremana ezkutatzen? | news |
argia-b7b0be639b2b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/norbere-bidezidorretik.html | Norbere bidezidorretik | Iker Barandiaran | 2018-07-22 00:00:00 | Norbere bidezidorretik
Orain dela bi urte eskas ezagutu nuen Arrasateko Perlata taldea. Herrian antolatutako jaialdi batean eman zuen zuzenekoak txunditu ninduen; punka eta rock-and-rolla ulertu eta plazaratzeko moduak, eta batez ere transmititzeko freskotasunak eta erakutsitako jarrerak. Handik gutxira, beraien estraineko Nondik hasi… diskoa eskuratu nuen, baita gogoz entzun ere. Maialen, Ane, Jaione eta Ander bistaz ezagutzen nituen eta jakin banekien, gazteak izan arren, talde askotan ibiliak zirela (Lost Girls, No Ways, Interprete Desconocido, Neallta Fola…), beti ere punk eta rock-and-rollaren bueltan. Gogoz eta bereizgarri aritzen dira, eta hori halabeharrez entzuleari heltzen zaio.
Sasoi batean askoren ahotan izan zen taldea merezimendu osoz eta zenbait jaialdi eta kontzertu undergroundetan parte hartu zuten betiere hitz onak jasota. Gerora isil antzean ibili dira denbora batez eta ordutik ez ditut zuzenean ikusi. Eta, alajaina, astean jakin dut diskoa berria kalean dutela: honako hau.
Berrizko Lorentzo Records estudio beteranoa aukeratu dute berriro, eta oraingoan soinu zikinagoa eta ilunagoa erdietsi nahi izan dutela esango nuke. Aurreko lanean bezalaxe, ingelesa eta euskara uztartuta punk-rock eta rock-and-rollaren topikoetatik hurbil izan arren harago joan dira, eta, beste jarrera askotan bezala estilistikoki ere ahalegindu dira gizarteak esparru guztietan marrazten dituen patroi eta itxurakerietatik aldentzen eta horixe salatzen; horregatik Urrezko kaiola izenburua.
Beste behin laukoteak punka eta rocka ulertzeko eta transmititzeko duen ukitu propioak harrapatu nau; horrek eta ahotsek ingelesez zein euskaraz duten dikzio eta sinesgarritasunak. Gerra indartsua, zikina eta azkarra da, melodia ere badu; Rock soul Safety Pins eta Pussycats-en tankerako punk-rock-and-roll azkarra, biolinaren ukitu hillbillyak biderkatzen duena; Empty -k bi aurpegi ditu: rock ilun zein pisutsua eta erdi tenpoak; Garra -k lehen hardcore-punk talde melodikoen izaera dauka itsatsita eta erritmo dantzagarriak ere batzen ditu; Urrezko kaiola arnasarik gabeko punk-rocka da eta Memories pieza rockero eta makurrena. | news |
argia-9875b95e6fef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/gazteen-etorkizun-profesionalarekin-zer.html | Gazteen etorkizun profesionalarekin, zer? | Juan Mari Arregi | 2018-07-22 00:00:00 | Gazteen etorkizun profesionalarekin, zer?
Joan den astean bi albiste garrantzitsu izan dira, gazteen lan etorkizunari eragiten dietenak, eta beraz, gobernu, administrazio nahiz hezkuntza arduradunentzat hausnarketa eta eztabaidarako gai izan beharko luketenak.
Lehena: Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen txosten baten arabera, azken hiru urteetan hazkunde ekonomikoa izan den arren, ez dira gutxi ikasketak izan arren atzerrira migratu behar izan duten herritarrak. Txostenak dio goi ikasketak dituztenen artean "sarrera baino irteera gehiago" egon dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Bigarrena: Bizkaiko Sendagileen Elkargoak esan du ez direla "ikasle eta fakultate gehiago behar". Aldiz, Adecco giza baliabideen enpresaren iritziz, badaude sektore ugari zenbait lanpostu betetzeko zailtasunak dituztenak, hala nola informazio eta komunikazio teknologietan, automozioan, metalgintzan, logistikan, elikaduran eta merkataritzan. Adibidez, metalaren sektorean falta dira tornulariak, fresatzaileak, prentsatzaileak, garraiolariak, makinaria mantentzen lan egiten duten teknikariak...
Beste behin azpimarratu behar dugu Lanbide Heziketaren garrantzia, garai bateko aprendizen eskolak gogoan. Administrazioen ardura da gazteak orientatzea urratu behar duten ibilbide profesionalean. Unibertsitatera joan edo eskulanean hasi, ondo legoke formaziorako arduradunek gazte eta gaztetxoei begiratzea, euren nahi eta beharren araberako lana aurki dezaten eta bide egokia har dezaten, izan ikasketekin segitzeko, nola profesio batekin hasteko. Langabezia eta frustrazio egoera ugari saihestuko genituzke horrela. | news |
argia-68716bae00f5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/europarrok-nola-afrikartuko-garen-datozen-hamarkadetan.html | Europarrok nola afrikartuko garen datozen hamarkadetan | Pello Zubiria Kamino | 2018-07-22 00:00:00 | Europarrok nola afrikartuko garen datozen hamarkadetan
Hogeita hamar urte barru, 2050ean, Europak 450 milioi biztanle edukiko ditu eta Afrikak, aldiz, 2.500 milioi. Europaranzko korrikaldi handia liburuan Stephen Smith kazetari eta irakasleak bi kontinenteetako demografien dinamikak azterturik dio afrikarren Europarako migrazioa gero eta handiagoa izango dela eta saihestu ezinezkoa dela Europako populazioaren afrikartzea. Horra bi-hiru belaunaldi europarrek kudeatu beharko duten gai nagusi korapilatsua.
Liburu deserosoa Ruée vers l'Europe . Nazionalitate frantsesa eta estatubatuarra dituen Stephen Smith ek kazetari lanetan aurrerazale curriculum dotorea daukan arren Le Monden eta Liberationen nazioarteko ardurak eduki izanagatik, Ruée vers l'Europe liburuak eskuin muturreko taldeetan eduki duen arrakastaz azalpenak eman beharra dauka. Honela erantzun dio Jeune Afrique [Afrika Gaztea] astekariari: "Beti diegu beldur okerreko aldeko jendearen txaloei. Nik ere ez nituzke nahi, noski, haserretzen nau errefuxiatuen krisiaren ostean Merkelen kontrakoak indartzen ikustea Alemanian edo Front Nationala Frantzian. Baina ezin zara aritu horretaz kezkatuta. Gai bat argitu nahi duzunean, ez dago zure esku lagunak edo etsaiak egitea". Eta Smithek aurreikusten duena ez da europarrontzako erosoa.
Funtsean Smithek iragartzen duena da Afrikak egingo duela aurretik mundu osoak –Europak, Latino Amerikak, Asiak– egin duena: bere trantsizio demografikoa burutzea. Afrika populazio leherketa bete-betean dago 1930az geroztik: orduan zeuzkan 150 milioi biztanleak zortziz biderkatu dira gaur dauzkan 1.300 milioiak harrapatu arte, eta gainera hauen %40ak 15 urte baino gutxiago dauka.
2050. urterako –30 urte ez da hainbeste...– bikoiztu egingo da Afrikako biztanleria, eta Smithek dioenez "hau ez da burutazio hutsal bat, urteotan sortuko diren haurren gurasoak dagoenekoz bizirik daudelako". Bitartean, Europak 450 miloi biztanle edukiko ditu, populazio are zaharrago bat osatuz. "Eta itsaso estu baten beste aldean bizi diren afrikar gazteok egingo dute europarrok egin genuen gauza bera hilkortasun handiko familia ugarietatik familia txikiago eta bizi luzeagokoetara pasatu ginenean: bizimodu hobe baten esperantzan emigratuko dute masan".
1850etik Lehen Mundu Gerra bitartean –1914– 60 milioi europarrek migratu zuten, horietatik 43k AEBetara. Pentsatu XX. mende hasieran Europak 300 milioi biztanle zeuzkala. "Nik diodana, funtsean, da garai batean Europako familia guztiek zeukaten bezala osaba-izebaren bat Amerikan, bi belaunaldi barru Afrikako familia guztiek edukiko dutela ilobaren bat Europan. Inkestetan 15-25 urteko afrikarren %42k dio alde egiteko asmoa duela. Afrika da abiatzeko zorian den kontinente bat".
2050a bitartean, beraz, Europa afrikartu eginen da. Ez dugu sekula ikusi datorkiguna bezalako presio demografikorik. Eztanda demografikoaren ostean barealdia eta gero zahartzea ezagutu dituzten beste ereduak aztertuta, Smithek kalkulatu du Afrika 2050ean hasi litekeela bere herritarren ihesiari eusten, Mexiko AEBetara edo Turkia Europara milioika jende bidali ostean hasiak diren bezala bere gazteei eusten.
Migratzen dutenak ez dira pobreenak, askok uste duenaren kontrara. Ez du ihes egiten nahi duenak, hala izan balitz 90eko hamarkadako gerra ugariek askoz jende gehiago ekarriko zuten Europarantz. Ez, ahal duenak migratzen du. Munduaren ezagutza bat eduki behar da, ikasketa maila bat... eta bidaia luze arriskutsuan abiatzeko dirutxo bat pilatuta edukitzea.
Herrietatik ihesi joandako gazteak lehenbizi hiri handietako txabolategietan kokatu dira, eta beranduago adorea eta ahalak bildutakoak ausartuko dira Europarako jauzi handia saiatzera. Ez dago atzerriko laguntzaz sustatutako garapen proiekturik jatorrian kateatuko dituenik, ez baitago modurik denentzako lanpostu txukunik sortzeko. Ez bederen boom demografiko hau natalitate kontrolez bideratu artean.
Hesiek ez dituzte geldiaraziko
Afrikako herrietako gazteek badakite hiri handietako txabolategietan nolakoa den bizimodua, baina hala ere segituko dute haietara joaten. Nahiago dute apustu egin eta galtzea beren patua aldatzeko ezer egin gabe geratzea baino. Hedabideetan ikusi dute nola bizi daitekeen Europan, bertara sartzeko hesiak gainditzea lortuz gero.
Eta behin hona iritsitakoan, sare sozialek laguntzen diete bizimodu bikoitza eramaten, fisikoki Europan, birtualki Afrikan. Azken finean, beren sorterritik migratu duten klase ertaineko europarrek ere antzeko bizi bikoitza bizi dute Singapur, Qatar edo Suedian. Ez dira erabat ez hemengo eta ez hango.
Europak azken 30 urteotan garapenerako laguntzetatik harago beste zerbaitetan lagundu behar zien Afrikako herrialdeei: kontrol demografikoan. Zergatik ez, India eta Txinari lagundu baldin bazaie? Dagoenekoz, ordea, berandu da Europarentzako, demografikoki bost aldiz handiagoa izango den bizilagun txiroaren nahiari ezingo baitio aurre egin mugak zigilatuz. "Mugak ixteko ahalegin guztiak alferrikakoak suertatu dira. Jendeak pasatuko dira, nola edo ahala. Geuk berdin egingo genuke haien lekuan bageunde".
Europarron begi eta interesetatik abiatuta, ondorengo urteei begira, Smithek bost agertoki posible irudikatzen ditu. Bat, Eurafrika deitzen duena, non etorkin guztiei ongi etorria egiten zaien. Baina bide garestia izateaz gain etorrera hori aski izango ez denez gero eta zaharragoa diren europarren erretretak ordaintzeko, identitate arazoetan oinarritutako krisiak dakartza Europa osora eta AEBetan Trumpek ezarri duena bezalako identitate politikei bidea ireki die.
Bigarren posibilitatea, Europa gotorleku . Turkiarekin etorkinak kontrolatzeko sinatu duena bezalako itun ekonomikoak zabalduz, mugetako kontrola gogortzea diru truke. Smithek duda egiten du uholdea geldituko duenik. Hirugarren bidea, Deriba mafiosoa , dagoenekoz ikusten ari garena: batetik etorkinak zukutu, bestetik etorkinen kontrako erreakzio populistak sustatu.
Laugarren joera posiblea, Postkolonialismora itzultzea , Europak lekuko elite afrikarraren esku uztea etorkin uholdea bideratzeko lana, halako elkarlan kontratu gisakoz jantzita. Eta azken hipotesia, bostgarrena, Denetik zerbait , Espainiak azken urteotan erabili omen duen estrategia nahasketa.
Hipotesiak hipotesi, dagoenekoz errealitatea da populismo identitarioen indartzea, Smithek egiaztatu duenez: "Aski da Europan itzuli bat egitea, Italiatik Suediara, Alemania edo Hungariatik pasatuz. Hori aldatzeko, errealitate eta humanitatezko hiru printzipio uztartu beharko ditugu. Bat, europarrei dagokie nor onartu etxean eta nor ez. Bi, Europak ezin du ahaztu Afrika, muga ez da hesi bat baizik eta negoziaketa eremua. Hiru, banaketa ez da orain herrialde aberatsen eta pobreen artean baizik eta mundializazioaren irabazle eta galtzaileen artean. Afrikan bezala Europan irabazleek iseka egiten badiete galtzaileei, denok galduko dugu". | news |
argia-d45c1facd49e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/lorategi-birtualak.html | Lorategi birtualak | Irati Elorrieta | 2018-07-22 00:00:00 | Lorategi birtualak
Txakurrak jabearen antza izaten du. Lorategiak ere bai. Batek atzeko patio batean, zementu artean, pintura poteak, baldeak, tinak asto-kakaz bete ditu eta kalabaza, tomate, kaputxinak, kolore askotariko loreak nahasian landatu ditu. Alboko patiotik bereizten duen hesiaren beste aldean, terraza minimalista batean, etzaulki bat, liburu bat mahaitxo gainean. Auzokoak zeramikazko lorontzi erraldoi batean sartu du, pintatu egin duela dirudi, kaktus erraldoi bat. Besoak bihurrituta ditu landareak, norbaitek bihurritu izan balizkio bezala. Lehenengo lorezainak ez daki zer egin bere bizitzarekin, lanbide berri bat probatzen ari da, gauza asko daki egiten, baina uste du ez duela ezertarako balio. Besteak Daimler edo Mercedensentzako event-design, ekitaldien diseinua, egiten du.
Nire ingurukoek dakite izan nintzakeen lanbide posibleen gaiarekin burua hautsi beharrean ibili naizela. Eta horretan nenbilela, dena txarto ateratzen zelako sentsazioarekin, kalabazin uzta ugariak salbatu ninduela. Nik leihoan landatutako zerbait fruituak ematen!
Lorategi batek ondo egoten lagundu ahal digu. Ezer gertatuko ez balitz bezala. Baina gure inguruko hormetatik kanpo, infernua dago.
Duela 20 urte baino gehiago irakurri nuen Antonio Galaren zutabe bat: Jardín mental. Ikusten duzuenez, ez dut ahaztu. Denok dugu lorategi bat, zioen. Hari esker izan nuen nire lehen lorategia: buruan. Lorategi basa irudikatu nuen, hezigabea, hezea, aihen-belar orraztu gabeak, limoiak, eguzki-loreak eta muxuz betetako gerezi beltzak adarretatik zintzilik. Lorategi bizia eta fantastikoa. Pentsatu nuen halako lorategiak beharrezkoak zirela buru barruan. Kanpoko mundua jazan ezina, itogarria denean, non babestu izateko.
Baina Galaren jardin mentalak kontrakoak ziren: errealitatea, basatia, kanpoan kokatzen zuen eta lorategiko hormen barruan, naturaren kontrakoa, artifizialtasun domestikatua.
Eskapismorako leku bat nahi nuen nik. Fikzio bat buruan. Baina eskapismoak adiera gehiago ditu. Trumpek zoro-zoroan egiten du: hormez inguraturik, eta gera daitezela kanpoan bai migratzaileak, bai klima aldaketak. Mundutik at gotortu nahi dute Trumpek- eta. Jatorrizko Eden batean.
Tomate artean eserita daudenen mahaian nago. Kaktusa begi-bistan. Nirea ez den baina inbidiatzen dudan lorategian. Eta migrazioa sartu da elkarrizketan, nola ez. Elkarrizketetan sartzea lortzen du. Abstumpfung itzultzen saiatu gara: L'hébetude atera da. Euskarazkoa nahiko ona da, prozesua erakusten du: sorgortzea. Gaur-gaurkoz denok entzun dugu migrazioek klima aldaketekin lotura dutela. Gero eta lur zati gutxiago dela bizigarria. Baina gradu pare bat gehiago jasan ahalko ditugula pentsatzen dugu, inork ez dakielako zer egin intelektualak desagertu direnean. Eta mahaian eserita dagoen gizonetako bati buruz bere emazteak behin eta berriro esan du, Jochen, akademikoa bera... Etxera joan aurretik galdetu dut, azkenean, zein alorretan den akademikoa. Soziologiatik datorrela esan du, baina hortik urruntzen ari dela. Zerbait konkretuarekin irabazten duela orain dirua: IT-alorrean, informazioaren teknologiekin. Soziologia ez da ezer. Populazioak aukera du espezializazio handiko teknika batzuetan trebatzeko, edo laster robotek ordezkatuko dituzten lanbideak ikasteko.
Lorategiak ere algoritmoen arabera haziko diren pentsatu dudanean, duela hilabete adokinen arteko zuloren batetik irten zen mitxoleta gorria agertu zait buruan. Txunditu egin ninduen. Nondik irten zen? | news |
argia-f0bc83e11cf9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2608/geltokin-elikagaiak-tokikoak-sasoikoak-eta-ekologikoak-izanen-dira.html | "Geltokin elikagaiak tokikoak, sasoikoak eta ekologikoak izanen dira" | Garazi Zabaleta | 2018-07-22 00:00:00 | "Geltokin elikagaiak tokikoak, sasoikoak eta ekologikoak izanen dira"
Iruñeko autobus geltoki zaharrak itxura berria hartu du. Kanpotik baino, aldaketa barrutik are handiagoa izan da: garai bateko leihatila zaharren artean Geltoki proiektua jarri dute martxan, hiriburuan ekonomia solidarioaren, elikadura burujabetzaren eta kultura alternatiboaren alde egin nahi duen egitasmoa. Ekainaren 9an ireki zizkieten hiritarrei gune berriko ateak proiektuaren bultzatzaileek.
Elkarlanetik sortu eta aurrera eramandako proiektua
Urte hasieran esleitu zion Iruñeko Udalak geltoki zaharraren espazioa egitasmoaren bultzatzaile den Geltoki Iruña Elkarteari. REAS Nafarroa ko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak, NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, Nafarroako EHNE sindikatuak, Emausko Trapulariek eta Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak osatzen dute Geltoki Iruña. Hamar langileko kooperatiba sortu dute gune berria kudeatzeko.
Ekainaren bukaeran amaitu den diru-bilketa kanpainaren bidez beharrezko azpiegiturak lortzeko babesa jaso du proiektuak. "Kontzientziak piztu eta norberaren kontsumo ohituren gainean hausnarketa bultzatu nahi dugu: erostera goazena benetan beharrezko dugun, zein jatorri duen, nork eta nola egina den…", azaldu zuten bultzatzaileek kanpainaren aurkezpenean.
Bertakoa eta ekologikoa
Hainbat gunetan banatuak egonen dira Geltokiren 900 metro koadroak. Leihatilen gunean, esaterako, tokiko produktu ekologikoak eta jasangarriak egonen dira erakusgai eta salgai. "Hemen erraza izanen da erosketa saskia betetzea eta ez da ezertan pentsatu beharko: elikagaiak tokikoak, ekologikoak eta sasoikoak izanen dira guztiak", zioen Edorta Lezaun NNPEKko lehendakariak. Kafetegian ere Nafarroako eta garaiko barazki ekologikoak eskainiko dituzte, 0 Kilometro filosofian oinarrituta eta eskaintza jasangarri eta osasuntsua eginez.
Helduentzako nahiz haurrentzako irakurketa puntuak, liburutegia, ludoteka tematikoak… Aukera zabala egonen da Geltoki elkargunean. Erosketak egiteko, aisialdirako, baina batez ere, kontzientziaziorako.
Hemen, Xabier Letonak Geltokiko Katrin Gineari eginiko elkarrizketa . | news |
argia-56a01a25a53f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/autoeraketa-ere-bagara.html | Autoeraketa ere bagara | Andoni Mujika | 2016-05-08 00:00:00 | Autoeraketa ere bagara
Testu hau idazteko daukadan helburua da baieztatzea autoeraketa Euskal Herriarentzat estrategikoa dela, eta hainbat ekimenen sakonenean dagoen ideia dela. Eta plano zehatzagoan, debaterako, autoeraketa prozesu bat gerta dadin zeintzuk diren beharrezko baldintzak zerrendatzea.
Hasteko, azpimarratu nahiko nuke ariketa guztiz ez-ohikoa dagoela autoeraketaren formulazioan. Zergatik? Autoeraketak, beste ideologia batzuek ez bezala, bere praktikatik bertatik zein bestelako pentsamenduetatik jasotzen dituelako irakaspenak: pentsamendu libertariotik, humanismotik, liberalismotik eta marxismotik. Parentesitxo bat: ideien mestizaiaren praktika horrek gaurkotasuna dauka. Aurrera. Autoeraketak ez-ohiko ariketa hori egin behar izan du, besteak beste, pertsonaren garapena eta bokazio kolektiboa konbinatu nahi dituelako. Batzuetan interes kontrajarriak. Horiez gain, autoeraketak lankidetzan aurkitu du kontzeptu osagarri egokiena, planteamendurik koherenteena. Beraz, bi zutabe nagusi: autoeraketa eta lankidetza.
Herrigintza eta eraldaketa espresio guztien oinarri eta logikan autoeraketa dago. Gainera, autoeraketa esperientziek norabide zabal bezain estrategikoa konpartitu dezakete
Gurera etorrita, Euskal Herria lurralde ikaragarri aberatsa da autoeraketa esperientziatan: kultur arloan, ekonomian, euskalgintzan, hezkuntzan, komunikabideetan edota mugimendu sozio-politikoan. Autoeraketa, lankidetza eta ekintzailetasuna herri honen identitate elementuak direla uste dut, eta horren kontzientzia izatea etorkizuneko giltzetako bat dela sinetsirik nago. Herrigintza eta eraldaketa espresio guztien oinarri eta logikan autoeraketa dago. Gainera, autoeraketa esperientziek norabide zabal bezain estrategikoa konpartitu dezakete.
"Autoeraketa lankidetzan" ideia indartsua da arrazoi askorengatik. Batzuk aipatzearren, pertsona subjektu eta gizartea komunitate bihurtzen dituelako. Edo gure burua menpekotasunetatik askatzen duelako. Horrez gain, inori itxaron gabe egitasmoa errealitate bihurtzen has daitekeelako. Bestetik, pertsonaren benetako gogoekin lotzen duelako. Edota subjektu eta komunitate auto-eratuagoak marrazten dituelako.
Hausnarketa hau bukatzeko esperientzia auto-eratu bat gertatzeko beharrezkotzat ditudan zazpi osagai zerrendatuko ditut, gogoetan aurrera egiteko borondatearekin. Bat: pertsona prozesuaren erdigunean jartzea. Bi: ingurua eraldatzeko pertsona eraldatzea. Hiru: ideia on eta erakargarri bat edukitzea. Lau: lider egokia izatea, katalizatzailea, sortzailea, konstantea, bisioduna eta pertsonen zerbitzura dagoena. Bost: ekintzarako gogoa. Sei: talde sustatzailea. Zazpi: bideragarritasun integrala eta errealitate zentzua.
Gainontzeko gakoak, prozesu guztiak dinamikoak direnez, ibiliaz argituko dira. Oinez hasi behar horretarako. | news |
argia-a8e81a8ce290 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/prostituzioaren-begiradak.html | "Guztiak ez gara biktimak" | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2016-05-08 00:00:00 | "Guztiak ez gara biktimak"
Idatzirik ez dauden arau sozial zein kulturalak hausten ditu prostituzioak. Euren gorputzen, sexualitatearen, ordutegiaren eta ekonomiaren jabe dira sexu langileak, haietako batzuk bederen. Hala kontatu digute gure solaskideek. Bizipenak anitzak izanik, badira lan honetan beren borondatez hasi eta egindako hautuaz damutzen ez direnak.
"Lan honek ematen dit nahi dudan bezala bizitzeko aukera", azaldu digu Samara Sampairo sexu langileak. Askatasun ekonomikoa jasotzeaz gain, bere buruari errespetua zor ziolako hasi zen lan honetan, bestela zituen bizi baldintzak ez zirelako nahi bezalakoak. Horretaz gain, gustura eta jazarpenik gabe bizi dela adierazi digu. "Brasilen onartezina eta pentsaezina zen egoera berean eroso bizi naiz orain". Samara emakume transexuala da, Brasilen jaioa, eta etengabe hitz egin digu han bizi izan zuen jazarpenaz.
Bestelako iritzia du, baina, Laura Masso sexu langileak. Lanbide honetako zailena etiketak, marginazio soziala eta bakardadea direla aipatu digu. "Bestela ez dauka beste edozein lanbidek baino zailtasun handiagorik", gaineratu du.
Prostituzioa lanbide dutenak laguntzea xede duen Aukera elkarteko Sonia Vega gizarte langileak dioenez, ogibide hau ezkutatzea da zailen egiten duena. Aukera 1998an sortu zen Gipuzkoan, sexu langileen jarduna itzalpetik atera eta gizarteratzeko. Elkartearen helburuak dira emakume horiek osasun asistentzia bermatua izatea; babes eta aholkularitza psikologiko, juridiko eta soziala ematea; eta konfiantza-esparruak sortzea, besteren artean. "Lan honetan profesional gisa aritu arren, baldintza kaskarrak dituzte. Bizi garen sistema kapitalista honek ez ditu eskubideak arautzen eta horrek enpresariei nahi dutena egiten uzten diete, 12 orduko lanorduak onartzeraino"; adierazi du Vegak. Gizarte Segurantzan, estatuan zein jendartean ez da lanbide bezala onartzen. Massok, duinki lan egiten duela aipatu digu, baina bere lanagatik kotizatu ahal izatea eskatzen du, horrek ekarriko lizkiokeen "onura" guztiekin. "Errespetua" gaineratu du Sampairok.
Aurreiritzi eta etiketa guztien atzean zer dagoen galdetuta, gizarte langileak "kontrolaz" hitz egin digu: "Emakumeen sexualitatea kontrolatzea dago muinean. Betidanik, emakumearen praktika erotikoa senarrari eta haurrak edukitzeari begirakoa izan da eta prostituzioak barrera hori hausten du. Norekin oheratu nahi dugun erabakitzea eta gainera dirua lortzea onartezina da batzuentzat". Sexu langileez gain zapalkuntza hau emakume guztiek jasaten dutela gaineratu du: "Jendarteak eskatzen ez duen jarrera bat izateagatik epaituak gara. Plazeragatik sexu-harremanak izateagatik, gure gorputz eta sexualitatearekin nahi duguna egiteagatik jasoko dugun lehen adjektiboa 'puta' izango da. Eta ez du sexu langileekin zer ikusirik".
Bai Sampairok bai Massok, euren lana gozamen iturri ere badela kontatu digute. "Bezeroaren arabera aldatzen da errealitatea. Zaila izan daiteke, nor aurkituko dugun eta buruan zer demontre darabilkion ez dakigulako, baina gozatu egiten dut", dio lehenak. "Guztiak ez gara biktimak; telebistan-eta ikusten dugun errealitateak aurpegi ugari ditu", gaineratu du. "Modu oso intentsoan bizi dut eta asko gustatzen zait nire lanbidea. Beti jartzen ditut nire mugak, gainera", bigarrenak. Tartean beste hainbat onura aipatu dizkigute; autonomia, esaterako. | news |
argia-01bf601d6319 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/jordi-via-bartzelonako-udaleko-komisionatua.html | "Oinarritik antolatutako sarearekin soilik bultza daiteke ekonomia soziala erakundeetatik� | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2016-05-08 00:00:00 | "Oinarritik antolatutako sarearekin soilik bultza daiteke ekonomia soziala erakundeetatik�
Ez da lan xamurra dozenaka urtean herri mugimenduetatik aldarrikatutakoa instituzioetatik defendatu eta sustatzea. Badaki zerbait hortaz guztiaz Bartzelonan harrera egin digun Jordi Viak. Urte luzez ekonomia sozial eraldatzailearen aitzindarietako bat izan ostean, Bartzelonako Garapen Agentziatik eragiteko ahaleginean ari da orain, udal gobernu berriak eman dion aukera baliatuta.
Kostata, baina lortu dugu bere bulegoan hitzordua lotzea. Metro geltokitik atera eta mugikorreko GPSak gidatuta 200 metroko ibilbidea egitean topatu dugunak kezkatu gaitu. Bartzelonako Garapen Agentzia delakoa hiru eraikinek osatzen duten munstro handia da. Eraikin horietako batean sartu gara zalantzati, eta galdetu ostean, albokora bidali gaituzte. Segurtasun arduradun batek egin digu harrera, eta gutako baten izen-abizenak eta NAN zenbakia eskatu dizkigu hirugarren pisura bidali aurretik.
60 pertsona inguru biltzen dituen ofizina erraldoi bat aurkitu dugu han. Zain egoteko eskatu digute, eta berehala iritsi da Viaren idazkaria. Bere atzetik gurutzatu dugu pasilo luzea, amaieran dagoen bulegoraino, eta hitzik trukatu gabe utzi gaitu bertan, elkarrizketagaia parean dugula.
Bizpahiru keinu nahikoa izan ditu segurtasun arduraduna, Sillicon Valley tankerako eraikina eta pasiloaren amaierako bulegoa guri bezain arrotz egiten zaizkiola adierazteko: "Ni zuetako bat naiz", irakurri dugu lerro artean. Grabagailua piztu dugunerako, kezka guztiak uxatu zaizkigu.
"Benetan uste dut Bartzelonan eragin daitekeela erakundeetatik. Eta hala dela sinesten dut badagoelako jada oso kontuan hartzekoa den errealitate bat"
Kontaiguzu, nola iritsi zara halako kargu batera? Zein izan da zure ibilbidea?
Ea laburtzen asmatzen dudan. Ezker antiautoritario kataluniarretik pasa ondoren, 80ko hamarkadan borroka instituzionalean sartzeko saiakera frustratu baten parte izan nintzen, Bloc d'Esquerra d'Alliberament Nacional izena eman geniona. Akatsak eginez ikastea gogorra da, baina oso erabilgarria baliatzeko prest bazaude. Saiakera kaskar horren ondoren, gutako batzuek erabaki genuen gizartea eraldatu nahi bagenuen ezin ginela mugatu indar instituzionala gureganatzeko ahaleginera. Beste gizarte bat nahi bagenuen, hori eraikitzen hasi behar ginela.
Orduantxe, eta kaleetan salatzen genuena defendatzen zuten enpresentzat lanean genbiltzala konturatuta, erabaki nuen proiektu kooperatibo bat sortzea. Geroztik, 35 urtean aritu naiz bestelako ekonomia eredu hori ikusarazi eta praktikaren bidez posible dela frogatu nahian. Aseguru etiko eta solidarioak eskaintzen dituen Ars kooperatibako kide eta sortzaile naiz, eta urte horiek guztiek beste gauza askotarako ere eman dute: Kataluniako ekonomia sozial eta eraldatzaileko sarea (XES) sustatzen buru-belarri aritzeko, adibidez.
Halako batean, udal gobernua aldatzen da, eta telefonoak jotzen du.
Duela hamar hilabete eskas pentsaezina zen niretzat horrelako toki batean egotea. Baina zer egin, borondate eraldatzaile garbia duen udal gobernu berri batek ekonomia kooperatibo sozial eta eraldatzaileko ordezkari izatea proposatzen dizunean? Gainera, oso interpelazio zehatza egin zidaten: "30 urtez ekonomia eredu hau instituzioetatik ere sustatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu duzu. Orain etorri eta erakutsi nola egiten den".
Erronka honi baiezkoa ematera eraman nauena, hala ere, hauxe izan da: benetan uste dut Bartzelonan eragin daitekeela erakundeetatik. Eta hala dela sinesten dut badagoelako jada oso kontuan hartzekoa den errealitate bat, bultza daitekeena: asmo eraldatzaileko kooperatibak, merkatutik kanpo garatu diren proiektu komunitarioak, elkarteak…
Zenbatekoa da Bartzelonan sare eta mugimendu hori?
Denera 4.700 enpresa eta entitate baino gehiago daude ekonomia soziala esaten diogunaren barruan, 53.000 lagun baino gehiagori ematen diote lan, 500.000 lagun dira gutxienez kontsumo kooperatiba bateko kide, ekonomia komunitarioko 300 proiektu baino gehiago daude. Badago oso bizirik dagoen errealitate bat, anitza, baina oinarri berarekin: praktikaren bitartez bestelako ekonomia bat sortzen dutela, pertsonen zerbitzura dagoena, demokratizazioan eta erantzukizun sozialean sakontzeko borondatea duena.
"Eraldaketa soziala helburu izanik, ezin da kooperatibismoa kooperatibismo
instituzionalizatuenaren esku utzi"
Nola elikatzen da Udaletik instituzioen babesetik kanpo garatu den sarea?
Aurreko udal gobernuek ekonomia soziala ulertzeko zuten modua oso bestelakoa zen. Ikuspegi asistentzial-paliatibo batetik heltzen zioten gaiari, soilik birgizarteratzeko enpresak lagunduz. Berritasuna da, gure ikuspuntuari dagokionean, ekonomia sozial eta eraldatzailea errotik sustatu behar dugun eredu sozio-ekonomiko gisa bizi dugula.
Bederatzi hilabete daramatzagu lanean, eta denbora honetan, lan ildoa zehazten ari gara, baina XESen eta gaia urte luzez landu duten eragileen lan eta ondorioetatik abiatuta betiere. Ondorengo urteetan Udaletik emango ditugun pausuak markatzen ari gara, baina alor horretako eragileekin kontrastatuko dugu parte-hartze prozesu baten bidez. Elkarlana da gakoa, nahiz eta beti ez den erraza izaten.
Eredu alternatiboa sustatzeko aukera ona izan daiteke kontsumoa. Nola kontsumitzen du Bartzelonako Udalak?
Ekonomia alternatiboak sustatzeko formakuntza eskaintzea da bide bat, jada sortuta dagoena bultzatzeko baldintzak egokitzearekin batera. Baina bai, Bartzelonako Udalak 2.000 milioi euroko gastua du urtean, eta etikoki arduratsua den erosketa egitea da gure helburua. Bultzatu nahi ditugu guk aldarrikatzen ditugun balore horiek bere egiten dituzten enpresak.
Klausula sozialez ari zara?
Bai. Lehendik badaude klausula batzuk, baina aurretik esan bezala, izaera asistentzial-paliatiboa dute; eta guk harago doazen pausoak beharrezkotzat ditugu merkatu soziala osatzeko. Helburu hori duten enpresak bultzatzeko positiboak diren baldintzak sortu behar ditugu klausula horiekin.
Badaude, ordea, baldintza horiek betetzen dituzten eta kapitalismoaren logiketan funtzionatzen duten kooperatibak ere.
Horrekin arazo bat daukagu, bai. Eroski kooperatiba da. Enpresarik konbentzionalenak ere gutxiengo horietara iritsi beharko luke, eta tamalez ez da horrela. Baina hala balitz ere, ez da nahikoa. Bilatu beharko ditugu formulak klausula horien bitartez merkatu soziala saretzen lagunduko duten enpresa txiki eta ertainak bultzatzeko.
"Bartzelonako Udalak 2.000 milioi euroko gastua du urtean, eta etikoki arduratsua den erosketa egitea da helburua"
Sare posible horren bueltan ere ez da dena erraza, ordea. Nola kudeatzen dira ezinikusi eta konfrontazio horiek?
Eraldaketa soziala helburu izanik, ezin da kooperatibismoa kooperatibismo instituzionalizatuenaren esku utzi; merkatu logiken barruan funtzionatzen duten enpresa ohikoen jarrera hartu eta desagerraraziko baitute izaera kooperatiboa. Garrantzitsua da batzuk zein besteak non dauden jakitea eta desberdintasun horiek egitea. Zuenean adibide ona duzue Mondragonekin eta Olatukoop-ekin.
Bestalde, distantzia horiek badaudela argi izanda ere, gai izan behar dugu tartean harresirik ez egiteko. Ezin dugu inkomunikazioan eta sektarismoan erori eredu alternatibo baten eraikuntzan pausoak eman nahi baditugu. Aliantzak sortu behar ditugu eraldaketa sozialerako: aliantzak herri mugimenduarekin alde batetik, eta sare sozio-enpresarialarekin eta zenbait kooperatibarekin bestetik. Ezin da bestelako merkatu bat sortu fokua desberdintasunetan jartzen badugu, ez eta bakarrik apustu erradikalenekin jokatzen badugu; oraingoz behintzat oso zaila da. Elkarlanerako espazioak aurkitu behar ditugu.
Mondragonen eta Olatukoop-en arteko desberdintasunak aipatu dituzu. Laster Euskal Herrira zatoz eta bertan sakonago azalduko diguzu hau?
Lankik antolatutako Kooperarock jardunaldietara gonbidatu naute. Lanki orain bospasei urte ezagutu nuen, eta interesgarria iruditu zitzaidan Mondragon taldearen garapenari buruz egiten duen irakurketa, izaera kooperatiboa galtzearen arriskua bezala berreskuratzearen garrantzia. Maiatzaren 10-11n egongo naiz Euskal Herrian eta izango dugu honetaz hitz egin eta sakontzeko aukera. | news |
argia-98d22680a81e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/filosofia-arbuiatu.html | Filosofia, arbuiatu? | Juan Ramon Makuso | 2016-05-08 00:00:00 | Filosofia, arbuiatu?
Gizakia munduratua izan da. Munduratze horretan, kale gorrian, zerua goian eta lurra behean, gizakiok hori baino ez dugu aurkitzen. Ezereza da geratzen zaigun bakarra? Etsipena? Ezdeus horretatik irteteko, gizakiak berezkoa du indarra. Aristotelesek Metafisika ren lehenengo liburuan esaten zuen bezala: "Gizaki guztiek izatez dute jakiteko guraria".
Horrelako baieztapenek indartu egiten dute ideia hau: gizakiak, arestian aipatu dugun etsipen horretatik irteteko, badu nahiko aitzakia. Gizakiak, harridurak bultzatuta, bere ingurunea ikertzeari, atzemateari, ekin zion. Gizakiak, gizaki den ez geroztik, aurrean daukan hori, physisa , ulertu nahi du. Eta berriro ere ekar ditzagun Aristotelesen hitzak, Filosofoarenak : "Gizakiak, orain eta hasieran, lilurarengatik hasi baitziren filosofatzen: hasiera batean, gauza arruntek sortzen duten harriduraren aurrean liluraturik; ondoren, pixkanaka-pixkanaka aurrera egin ahala, gauza konplexuagoen aurrean zalantzan egonik, esaterako, ilargiaren, eguzkiaren eta izarren eta unibertsoaren genesiaren fenomenoen aurrean".
Beraz, lilura dago gizakiaren baitan. Lilurak bultzatuta saiatzen gara gure galderei erantzuten. Horren adierazle nagusi bat haurraren jarrera da. Errealitatearen aurrean, galderak egiten ditu. Berezkoa du, haurrak, galderaren ariketa. Dialektika sortzen da, beraz, gizakia eta aurrean daukan horrekin. Kezkak sortze bat ekartzen du. Sortzearen ondorioetako bat balio berriak eraikitzea da. Nietzschek, Honela mintzatu zen Zaratustra liburuan, haurraren espiritua eraikitzen du, balio berrien eraikitzaile bezala. Moral tradizionala deuseztatu, eta balio berriak sortu. Jolasetik, askatasunetik. Gizakiak sortzen du, inongo baliagarritasunari begiratu gabe. Eta berriro Aristotelesen hitzak: "Baina zalantzan eta liluraturik dagoenak onartzen du ez dakiela (…). Beraz, ez-jakitetik ihes egiteagatik filosofatu bazuten, agerian dago jakiteagatik eta ez inongo baliagarritasunarengatik ekin ziotela ezagutzeari. Eta horren lekuko da gertatutakoa: beharrezko gauza gehientsuak eta dibertsioaren eta bizitzaren atseginerako ezagutzak lortuak zirenean ekin baitzitzaion halako diziplina bat bilatzeari. Argi dago, bada, hau ez dugula beste inolako baliagarritasunarengatik bilatzen".
Hezkuntzan bizitzen ari garena horren isla da. LOMCE legearen baitan, Filosofia irakasgaia geletatik desagerrarazi dute
Horren ondorioa begi-bistan dago: filosofiak ez du baliagarritasunik. Eta horrek gaur egungo gizartearen zutabe nagusi batekin talka egiten du, denari bere baliagarritasuna bilatzen baitzaio, baita gizakiarengan, zoritxarrez. Hezkuntzan bizitzen ari garena horren isla da. LOMCE legearen baitan, Filosofia irakasgaia geletatik desagerrarazi dute. Aristotelesen hitzetatik, ez da ezer ulertu, eta gaizki ulertze horretatik, Filosofia baztertu egin dute agintariek, eta hein batean, baita gizakiak ere. Eta hori da larriena. Gizakiak, Filosofia bere bizitzatik baztertzen duenean, uko egiten dio bere izaerari. Filosofiarik gabeko bizitza, ez da bizitza, beste zerbait da. | news |
argia-057298789101 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/musikariei-ziria-sartu-zietenekoa.html | Musikariei ziria sartu zietenekoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-05-08 00:00:00 | Musikariei ziria sartu zietenekoa
Patras (Grezia), K.a. 709. Musika ekitaldi batean "Patrasko Perekides, erritmo emaileak" musikariak zuzentzeko makila bat erabili zuela geratu zen jasota buztinezko taula batean. "Erdian kokatu zen, eserleku altu batean eserita, urrezko bastoi bat astintzen, txirula nahiz zitara joleak inguruan zituela (...) Perekidesek urrezko makilarekin agindua eman zuenean, eskarmentudun artista guztiak batera hasi ziren jotzen".
XVI. mendean Giovanni Perluigi da Palestrinak ere makila handi bat erabiltzen omen zuen musikariei erritmoa markatzeko. Baina ziurrenik horiek salbuespenak besterik ez ziren izan. Luzaroan orkestretako lehen biolina edo concertinoa izan baitzen kideei noiz sartu behar zuten adierazten ziena.
XVII. mendean zenbait orkestra zuzendarik oinekin lurra joaz edo txaloka markatzen zuten erritmoa, baina emanaldi luzeetan oso nekagarria zenez geroz eta maizago lurra bastoi batez jotzen hasi ziren. 1687ko urtarrilaren 8an, Jean-Baptiste Lully Te Deum bat zuzentzen ari zen, Louis XIV.a Frantziakoa gaixotasun batetik onik atera zela ospatzeko. Denbora makila luze batez adierazten ari zela, nahigabe, behatz bat jo zuen lurra jo beharrean. Zauria gangrenatu zitzaion, baina Lullyk ez zien utzi sendagileei behatza anputatzen eta infekzioa zabaldu egin zen. Martxoaren 22an hil zen. Manchesterreko Hallé orkestraren emanaldi baten kronikak dio Daniel Turk zuzendariak ere 1810ean makila bat erabili zuela, baina lurra jo beharrean airean astintzen zuela. "Makila astindu beharraren beharraz, argi-armiarma jo zuen eta kristal zatiak gainera erori zitzaizkion". Bietako bat, edo makila txikitzen zuten edo zuzendariek euforia baretu behar zuten. Eta zuzendari grinatsuak lasaitzea zailagoa zirudienez, lehenengo aukeraren alde egin zuten.
Itxuraz, Carl Maria von Webber konpositorea izan zen, 1817an, Dresden antolatutako kontzertu batean, ziri mehe eta arina, egungo batuten antzekoa, erabiltzen lehena. 1832an Felix Mendelssohn Londresera joan zen bertako Orkestra Filarmonikoarekin hainbat kontzertu ematera. Batuta erabiltzeko asmoa zuen, eta hasieran biolin-joleek kontra egin arren, azkenean makilatxoaz zuzendu zituen musikariak. Ez dakigu biolin-joleak garai batean zuten boterea ala begi bat galtzeko beldur ziren, baina hurrengo urtetik aurrera Londresko Orkestra Sinfonikoan batuta erabiltzea ohiko bihurtu zen. | news |
argia-9a5f4ec661ae | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/jurramendi-1976.html | ...eta hiltzen jarraitu zuten | Josu Chueca | 2016-05-08 00:00:00 | ...eta hiltzen jarraitu zuten
Karlisten arteko liskar moduan saldu nahi izan zutena, egiaz estatu aparatuetatik antolatutako gerra zikina izan zen. 1976ko maiatzaren 9an Jurramendiko erasoan parte hartu zuten mertzenarioen lorratzari segitu diogu, Frankismoan bezala, Demokraziaren estoldetan ere aritu baitziren.
"Oraingoan denok dakigu nortzuk tiro egin, zauritu eta erail duten Jurramendin. Nafarroak ikusi berri du nola ezarri den terrorearen legea, suzko armekin, defentsarik eta babesik gabeko herritarren kontra". Horrela ekin zion Punto y Hora de Euskal Herria aldizkariak Jurramendiko gertakariei buruzko editorialari; "Inpunitatea" hitza letra larriz zekarren zenbaki hartako azalak. Berrogei urte betetzear ditugula, zigorgabetasunak jarraitu ez ezik luzaro iraun du, eta gerra zikina estatu terrorismoaren kate-maila latza izan da Euskal Herrian zein Espainian.
Erregimenaren komunikabideek –RTVEk batez ere– eta bozeramaileek –Manuel Fraga gobernazio ministrotik hasi eta José Ruiz de Gordoa Nafarroako gobernadore zibileraino– karlisten arteko borroka moduan aurkeztu zutena, askoz gehiago izan zen, eta horrela salatu zuten Jurramendikoa jorratu zuten txosten eta aldizkarietan: ez zen karlismo atzerakoi eta aurrerakoiaren arteko liskarra izan, Estatuko zerbitzu berezien operazio zikina baizik. Sozialismo autogestionarioaren eta demokraten bidea hartu zuen karlismoaren adar nagusia makurrarazi nahi zen modu horretan.
Horrela bakarrik ulertu daitezke Iratxeko monasterioaren aurrean eta Jurramendiko tontorrean izandako hilketak, baita aurreko egunetan hedabide eskuindarrek, Gobernu Zibilaren eta Barne Ministerioaren estoldetako laguntzarekin sustaturiko "Birkonkista" ekimena ere. Gertaerak ezin izan zituzten ezkutatu ordea, ehunka lekuko zeudelako eta oihartzun grafikoa oso agerikoa izan zelako erreportaje honetarako berreskuratu ditugun argazkien bidez.
Gertaerak: lehen eskuko kronika bat
1976ko maiatzeko igande hartan, Iratxen ohiko bidegurutze karlista abiatzear zegoenean, ultraeskuindar, legionario eta faxista argentinar, italiar zein frantziarrez osaturiko tropela hurbildu zen monasterioaren zelaigunera. Pistolak eta borrak eskutan, kosta ahala kosta Jurramendiko bidegurutzea birkonkistatzera omen zihoazen. Hasieratik argi gelditu zen karlisten autodefentsa hutsalaren aurrean ez zutela inongo erreparorik hiltzeko eta erantzunik apalena ere tiroz eta odolez amatatuko zutela.
Jose Luis Marín García Verde komandante ohia, txapela gorri izardunaz eta gabardinaz jantzitako pistoladunak, lehen liskarretan esku hutsik zihoan Santanderreko HOAC-eko Aniano Jiménez Santosi tiro hilgarria eman zion sabelean. Gabardinadun gizona izenez ospea hartu zuen hiltzaileak minutu dezente jarraitu zuen, harro bezain probokatzaile, pistola eskuan egoera hura sinetsi ezinik zeuden karlistei mehatxu eginez, baita oso gertutik erasoa pasibotasunez ikusi zuten guardia zibilen aurrean ere.
Militarrak lasai erakuts zezakeen pistola, inguruan egundoko kohorte faxista baitzuen. Alboan haren lehengusu Hermenegildo García Lorente, Carlos Ferrando Sales eta Fal Macías, Manuel Fal Conde karlisten buru izandakoaren semea zituen. Pixka bat atzerago mundu osoko faxisten sorta: Emilio Berra El Chacal argentinarra, Stefano Delle Chiaie eta Augustu Cauchi italiarrak, eta Jean Pierre Cherid aljeriarra. Gehienak borraz eta pistolaz armaturik zeuden, azkenekook García Marinek eta Berrak soilik atera bazituzten ere.
Nahasmena handia zen arren, ultraeskuindarren erasoa amaiturik zegoelakoan, karlistak Jurramendirantz abiatu ziren. Carlos Hugo Borboi-Parma erregegaiaren partaideek betiko bidetik manifestazio ikusgarria egin zuten bitartean, dirudienez faxistak Iratxeko urbanizazioaren atzeko aldetik igo ziren gailurrera jeepez.
Hilketak izan ostean, erasotzaileen buruak Iratxera jaitsi ziren. Bidean ez zuten poliziaren kontrolik edo oztoporik izan
Jurramendiko maldan, berriz, ehunka polizia nazional zegoen ilaran jarrita erne, bai baitzekiten zer zen geroago jazoko zena. Hura ez zen haien berezko interbentzio esparrua, eta horrek Gobernu Zibilaren parte-hartze zuzena salatzen zuen. Baina polizi horiek ere alferrikakoak izan ziren karlisten aurkako bigarren erasoaldia saihesteko.
Lehen manifestariak Jurramendiko gailurrera iritsi orduko, berriz eraso zituzten pistolen eta metrailadoreen tira jasekin. Hiruzpalau zauritu izan ziren laino artean, tontorretik 200 metro eskasera. Jose Javier Nolascok oinean jaso zuen tiroa eta Ricardo García Pellejero, 20 urtetako Lizarrako gazteak bularrean. Azken hau tapaki baten gainean, txandaka eta korrika jaitsi zuten mendian behera, baina Gurutze Gorriak bidalitako anbulantziara iritsi zenerako hilik zegoen.
Ordurako Carlos Hugoren alderdikoek erabaki zuten ibilaldia bertan behera uztea eta buruzagiak ere alde egin zuen. Hurrengo egunetan eman beharreko erantzun politikoa prestatzen hasi ziren beste indarrekin batera.
Hilketak izan ostean, José Arturo Marquez de Prado eta Sixto Borboi-Parma erasotzaileen buruak Iratxera jaitsi ziren tontorretik. Bidean ez zuten poliziaren errepide-kontrolik edo oztoporik eduki. Aurreko asteartetik luxuzko aterpe izan zuten Iratxe hoteletik haien atorrak jaso eta Madril, Andaluzia eta Extremaduran sakabanatu ziren. Denetan ezagunenak, Sixto Borboi-Parma erregegai erreakzionarioak, arazorik gabe egin zuen ospa Espainiatik.
Hurrengo egunetan, lehen erasoaren argazkiak zabaltzen hasi zirenean eta herioan zegoen Aniano Jimenez ere hil zenean, hainbat atxiloketa egin behar izan zituen Arias Navarroren gobernuak. Hedabide askotan azaldutako Gabardinadun gizona Huelvan zegoen atxilotu zutenean, eta Lizarrako epailearen aurrera eraman zuten. Gauza bera egin zuten José Arturo Márquez de Pradorekin, Extremadurako lurjabe handia. Haiek izan ziren atxilotu eta giltzapetu zituzten bakarrak; zenbait hilabete geroago, 1977ko Amnistiaren legearekin, libre geratu ziren epaituak izan gabe.
Cherid eta Delle Chiaie: zerbitzu sekretuen bi lagun
Erasoan parte hartu zuten mertzenario eta faxistek –sarritan izen-abizenez oso ezagunak– ez zuten zigorrik jaso. Haien artean zeuden karlismoarekin zerikusi gutxi zuten erakunde faxistetako aktibistak: Argentinako Alianza Apostólica Anticomunistako Emilio Berra; Italiako Avangoardia Nazionaleko Giuseppe Calzona, Augusto Cauchi eta Stefano Delle Chiaie; eta Organisation de l'Armée Secreten (OAS) aritutako Jean Pierre Cherid frantziar-aljeriarra.
Horiek guztiek abagune desberdinetan bidaiatu zuten Espainiako Estatura, eta bertako ministerioen babesa aurkitu zuten, batez ere Gobernazioan eta Presidentziako inteligentzia zerbitzuetan, SECED delakoan. Zeren truke? 1975-1984 urteetako gerra zikinean aritzearen truke. Jurramendin ibili zirenen artean bi nabarmentzen dira: Stefano delle Chiaie eta Jean Pierre Cherid.
Lehena, Italiako Casertan jaioa, Caccola (Mordoxkotxoa) izengoitiarekin ezagun egin zen eta Movimiento Sozial Italiano (MSI) elkarte ultraeskuindarrean hasi zuen bere ibilbide politiko-militarra. Gero Ordine Nuovo erakunde faxistatik igaro zen, eta azkenik Avangoardia Nazionale erakundea sortu zuen. Bi helburu izan zituen Italian jardun zuen bitartean: ezker muturreko taldeetan –bereziki anarkistetan– infiltratzea atentatuak egin eta probokazioak sorrarazteko, eta zuzenean talde eta militante ezkertiarrak erasotzea.
Arias Navarroren gobernuak karlismoaren bilakaera aurrerakoia zapaldu, eta bide batez, ezarri berria zen monarkiaren aldeko desoreka sortu nahi izan zuen
Italian izandako hilketa batzuen eta Valerio Borghesek 1971n egindako estatu kolpearen porrotaren ondorioz, Espainian aterpetu zen eta aitzindari izan zen beste faxista italiar asko birkokatzeko. Bizilekua eta lan zikina eman zieten Carrero Blancoren aginduz sortutako SECEDen, adibidez. 1975etik aurrera Ipar Euskal Herrian BVE eta ATE siglekin izandako gerra zikina haien eskutan egon zen. Jurramendin, Stefano delle Chiaierekin batera beste caccolesi –Caccolaren partaideak– batzuk zeuden: Augusto Cauchi, Giuseppe Calzona eta Mario Ricci, argazkitan ikus daitekeenez, eta Ricardo Arques eta Melchor Miralles kazetariek bere garaian egindako ikerketan batean azaltzen den moduan.
Jarraitzaile gutxiago zituen Jurramendin Jean Pierre Cheridek, baino bide askoz luzeago egin zuen Estatuaren gerra zikinean barrena. Paddy Woodworth idazleak Espainiako Estatuak kontrataturikoen artean aitzindaritzat du hiltzaile aljeriarra: "Eskuin-muturreko mertzenarioen paradigma" gisa deskribatu du. Aljeriako gerran paraxutisten sarjentu izan ostean, Organisation Armée Secrete (OAS) talde armatu ultraeskuindarrean ibili zen. Hogeita hamar urteko kartzela zigorra saihestearren joan zen Espainiara 1964an eta Madrilen zela Delle Chiaierekin egin zuen bat: halaxe hasi zen SECEDek legez kanpo egin behar zituen ekintzetan parte hartzen.
Jurramendin erasotzaileen lehen lerroan jarri zen Cherid, Augusto Cauchi, Emilio Berra, Fal Macías eta Gabardinadun gizona rekin batera. Dena den, askoz gehiago nabarmendu zen 1978az geroztik berpiztutako gerra zikinean. Berari leporatu diote urte horretako abenduaren 21ean José Miguel Beñaran Argala-ren kontra atentatu izana. 1983tik aurrera GALen ekintzak hasi zirenean ere buru-belarri aritu zen. Carrero Blanco eta Suarezen UCDren garaietatik zetozen mertzenarioak sigla berri horien pean hasi ziren egiten polizia espainolak mugaz bestaldean egin ez zitzakeen lan zikinak. Alderdi sozialista agintean zegoela mugaz bi aldeetan terrorea zabaldu zutenean, Jean Pierre Cherid zen gaizkile haien artean eskarmenturik handiena zuena. Baina horretan amaitu zuen bere ibilbidea: 1984ko martxoaren 19an Miarritzen errefuxiatu baten aurkako lehergailua prestatzen ari zela eztanda egin zion eskuetan eta bizia galdu zuen. Haren gorpua erabat txikituta geratu zenez, kostata lortu zuten jendarmeek jakitea Cherid paraxutista eta OASkide ohia zela.
Behin haren nortasuna argituta, GALeko arrasto eta partaide ugariren datuak atzeman zituzten. Bistan gelditu zen talde horretako buru esanguratsua zela Jurramendin ibilitakoa, eta jarraitzen zuela Espainiako agintarien menpe gerra zikinean erabat sartuta. Haren alargunak, bere aldetik, "bizitza osoko pentsioa" eskatu zion Espainiako Gobernuari, urtetan poliziarentzat lan egin zuela azalduz. Horrela, nabarmen utzi zuen Espainiako Estatuko aparatuak zorretan zeudela kriminal eta krimen horiekin guztiekin.
Jurramendin 1976ko maiatzaren 9an gertatutakoa bitxia bezain esanguratsua izan zen. Bitxia erregimen frankistaren jatorrian funtsezkoa bihurtu zen karlismoa bezalako indar politiko baten aurka eraso zutelako. Arias Navarroren gobernuak mundu osoko faxista eta indar para-polizialak erabili zituen egun hartan karlismoaren bilakaera politiko aurrerakoia zanpatzeko, eta bide batez, ezarri berria zen monarkiaren aldeko desoreka sortzeko. Eta esanguratsua, eraso hura gertatu eta berehala salatu arren, Estatuko estoldetatik sorturiko terrorismoaren zigorgabetasunak soka luze eta iraunkorra izan duelako gaurdaino. | news |
argia-5b8adaad4df9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/joxe-mari-lopetegiri-omenaldia.html | Irunen Errepublikak bazekien bertsotan | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-05-08 00:00:00 | Irunen Errepublikak bazekien bertsotan
Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikanoak Irunen errekonozimendu nahikorik ez duela-eta, haren omenezko ekitaldiak antolatzen hasi da apirilean hiriko bertsozale talde bat. Omenaldi horrekin batera, Joxan Elosegik Lopetegiren hamar bertso-sorta berri aurkitu ditu. Aitzakia paregabea XX. mende hasierako bertsolaria merezi duen lekuan jartzeko.
Gehientsuena paper zaharretatik erreskatatu zela uste zenean aurkitu ditu Joxan Elosegik ale berriak: argitaratu gabeko hamar bertso sorta, Joxe Mari Lopetegi irundarrari ezagutzen zitzaizkion gehienak baino lehenagokoak eta tematika aldetik diferenteak. XX. mende hasierako politikari buruzko bertsoengatik ezaguna zen egilea bestelako kontuez ari da aurkitu berri den materialean: eguneroko bizitza, Irungo baserri giroa, euskarari eskainitako bertsoak… Aurkikuntza garrantzitsua da, klasifikatzen zaila den bertsolariaren beste dimentsio bat erakuts dezakeelako, haren izena berriz lehen lerrora ekartzearekin batera.
Badira hamabi urte Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria liburua Paper Hotsak argitaletxearen eskutik kaleratu zela. Jende asko harritu zen bilduma hartako bertsoak irakurri eta lerro artean imajina zitekeen pertsonaiarekin: kaletarra, apaizak oso gustuko ez zituena eta, batez ere, politikoki konprometitua, errepublikano porrokatua. Rara avis bat: han eta hemen bertso jarriak publikatu zituelako dugu bere berri; eta Joxan Elosegik sorta bakoitza zegokion testuinguruan kokatzeko egindako ikerketa-ahaleginari zor zaio Lopetegiren txataletatik argazki bat osatu izana.
Liburua irakurriz ikusten du irakurleak XX. mende hasieran euskaraz bizi zen herria ez zela saldu digutena bezain monolitikoa –dena eliza, dena ohitura–, eta kezka batzuk garaian garaikoak izateaz gain, historian etengabe errepikatzen direla. Nagusi den iritziari kontra egiten dionak pasa behar dituen trago txarrak, adibidez. Behin entzunda, ez dira burutik erraz joaten Joseba Tapiak 2006ko Real politik diskoan musikatutako Askatasunaz sortakoak: nola astindu zituzten Lopetegi bera, Justo Garate eta Jose Miguel Gomendio Azpeitian 1931n, zergatik eta mitin errepublikanoa egitea otu zitzaielako herri bereziki karlistan.
Ez zion lumak dardararik egin Irungo bertsolariari erasotzaileak definitzeko: " Santakruz zanen odol beretik / nazi dira nere ustez ".
Irunek berreskuratu behar duen pertsonaia
Tapiaren pieza horren doinuarekin ari dira bertsoa kantatzen 40 bat lagun Irungo Oiasso museoan. 1875ean Lopetegi jaiotzen ikusi zuen egun bera da, apirilaren 13a, Errepublikaren bezpera –kasualitateak ez omen dira existitzen–. Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak antolatuta, Joxan Elosegi hitzaldia eskaintzen ari da Lopetegiri buruz, eta momentu batean publikoa animatu du, musika lagun, abestera. Nahiko lotsati ari dira denak, baina badu egoerak zerbait zirraragarria, batez ere Askatasunaz amaitu eta beste kanta bat jarri dutenean. Gerra Zibila hasi zenetik 80 urtera Ekaitza izeneko sorta entzunda – "… odol gorrituz gainbera asi zan / ugaldero Bidasua…" – Irunen hilabete eta erdiko setioa jasan zutenenganako omenaldi kutsua hartzen du eszenak.
Ondo gogoan dauka hiriak bestela ere estatu kolpe faxistak hautsitako Errepublika. Gipuzkoan, Eibarren baimenarekin, tradizio errepublikano handienetakoa duen lekua izango da, urtero apirila etortzen denean sumatzen denez. Baina Irunen sortu den imaginario errepublikanoak ez du Joxe Mari Lopetegi oso kontuan hartu. Ez da "behar bezain ezaguna" Elosegiren ustez, muga handia delako hizkuntzarena: "Irunen batzuk bizi gara euskaraz eta jende gehiegi bizi da erdaraz".
Aurkitutako bertso sorta berrietan Lopetegi ez da hain politiko ageri, eguneroko bizimodua eta gai lokalak ditu hizpide
Hesi hori gainditu nahian, Lopetegi merezi duen lekuan jartzeko asmoz, talde txiki bezain dinamikoa galtzak bete lan ari da Bertso-tailerraren inguruan: Aitor Errazkin, Andoni Zelaia, Iñaki Portugal, Xabier Isasi eta Xabier Bengoetxea ekitaldi ugariz osaturiko programa antolatzen ari dira, ekainera bitartean pertsonaia heterodoxoa lehen planora ekartzeko. Lerro hauek idatzi bitartean oraindik "sukalde lanean" ari direnez, hedabide honen bertsio digitalean informatuko dugu omenaldiarekin lotutako berritasunez.
Euskara galtzen ari den herrian bertsotan
Besteak etorri bitartean Joxan Elosegiren hitzaldiaz zerbait esan beharra daukagu, ia bi orduko jardunean Lopetegi behar bezala kokatzeko datu asko eman baitzituen. "Bere garaiko seme" gisa aurkeztu zuen bertsolaria hitzaldiaren hasieran. "Giro liberalean sortu eta hazi zen, aita boluntario liberala zuen; eta Lopetegik ez zion bere herriko giroari sekula aurre egin".
Pertsonaia urbanoa zen, hitzaldia entzuten ari garen museotik 100 metro eskasera bizi izan zen, Santiago kalean. "Kontatu digutenez gizon alaia zen, herriko festa eta ekitaldi guztietan parte hartzen zutenetakoa". Festaren eskutik, bertsoa. "Eta bertsoa ez dago ulertzerik ez badugu komunitatean, herrian kokatzen. Orain nekez suma genezake Irunen horrelako komunitaterik –halere badugu, zorionez–, baina garai hartan Lopetegi eta beste asko izango ziren bertsotan aritzeko gai. Bera izango zen onentsuenetakoa".
Herria zena hiri izateraino handitzearekin aldatu zen komunitatea eta "erdara pixkana-pixkana nagusitzen" ikusi zuen. Elosegiren arabera, XX. mendeko lehen hamarraldiaren bukaera iritsi zenean, dagoeneko hizkuntza nagusia ez zen euskara Irungo kaleetan. "Lopetegi horren lekuko primerakoa izan zen. Giro politikoaren aldekoa zen, baina aldaketa horien aurrean izugarri sufritu zuela ikusten da bere aurreneko bertsoetan". Ibaizabal aldizkarian 1903an publikatutako Semeak amari sorta, argitaratu zuen lehenbizikoa, da horren erakusgarri: ama euskara da, eta sufritzen ikusten duen semeak "zu orrela utzi baiñan / naiago nuke ill" esaten dio azken puntuan.
Errepublika eraiki nahi zuen kontratista
Lehenbiziko urteetako bertsoetan ageri da hizkuntzarekin daukan kezka hori. Euskararen galeraren aurrean, baina, "Lopetegik ez zekien zer egin behar zen garbi" Elosegiren ustez. Euskararen egoera baino, beste gai batzuk dira nagusi: "Ezagutzen ditugun bertso gehienak politikoak dira, batez ere kausa baten aldekoak: Errepublika". 1911. urtean publikatu zituen lehenbiziko bertso errepublikazaleak, urtebete lehenago hil zen Francisco Bellido Gipuzkoako errepublikanoen aitzindari eta adiskidearen omenez. Urte horietan izendatu zuten Irunen zinegotzi ere. Ordurako bazen norbait: "Ez zen langile soila: negozioak izan zituen, etxegilea izan zen, igeltseroen kontratista. Bazuen koadrila bat eta bazituen langileak. Aise bizi zen gizona", Elosegik dioenez. Bere esanetan, alderdi errepublikanoa batez ere alderdi burgesa zen, maila sozialean besteak baino progresistagoa izan arren.
Ekainera bitartean bertsolari heterodoxo honen figura aupatzeko ekitaldiak antolatu dituzte
Publikatu zituen bertsoengatik ezagutzen dira bere posizio ideologikoak. Adibidez, Errepublika federalaren aldekoa zela –Elosegiren hitzetan, postura horren aldekoak ziren ezkertiarrenak alderdian–; baita 1931n EAJk abiatutako Autonomia Estatutuaren aldeko kanpainarekin kritiko agertu zela ere. Ordurako 56 urte dauzkan bertsolariak ez du begi onez ikusiko jeltzaleen eta tradizionalisten elkar hartzea, ezta proiektuak hartuko duen kutsu elizkoia ere. Gainera, Errepublika zein ahula den jabetzen da, aurrena hura sendotu behar dela sinetsita dago.
Gerrari bertsotan
1933an isildu egiten da. Elosegik uste du alderdi errepublikano barruan izandako "ezin konponduak" direla mututzearen kausa. Eta gero 1936a dator, "uztaillaren emeretzia / egun beltz ta pozoitsua" : Lopetegik 61 urte ditu jada, gerrarako kemenik ez eta frankistak Irungo atarietan. Ezin deus egin. Tropa kolpistak hirian sartu baino egun bat lehenago pasako da Hendaiara eta han hasiko da, ostera ere, bertso idazten, kraskatutako Errepublikaren gainean.
Garai honetakoa beste Lopetegi bat da Elosegik kontatzen duenez: "Mindurik dago, baina deusek ez dio Errepublikari eta zuzentasunari dien fedea ilundu, faxisten aurkako guztiak ditu lagun, ez da kontua orain alderdikeriatan hastea". Gerra garaiko bertsoak iruditzen zaizkio indartsuenak, sentituenak. Baina hor hasi zen bere amaiera ere. 1942an hilko da Arruetan (Nafarroa Beherea), sei urtez errefuxiatu gisa bizi ondoren.
Hil eta berehala sekulako isuna jarri zioten bere familiari, Elosegik gaztelaniaz esan nahi izan zuen espresioa erabiliz, "por responsabilidades políticas" . Bi etxe saldu behar izan zituzten senideek dirutza bildu ahal izateko. Hasiera besterik ez zen. Francoren 40 urteko "bakea" zetorren. Eta errepublikano izandakoentzat, isiltasuna. Antonio Zavalak Hauspoa bilduman Lopetegiri libururik ez eskaini izana jarri du bertsolariaren inguruan urtetan izan den mututasunaren adibide gisa: "Ez dut uste bertsolari mailagatik zenik. Eta ezagutzen zuen, Txirritak Lopetegiren erretratu bat egina zuen bertsotan". Pixkanaka bada ere, isiltasuna hausteko lanean ari dira Irunen. | news |
argia-99abc140e01c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/nola-jarri-jokoan-adimen-mota-guztiak.html | Nola jarri jokoan adimen mota guztiak | Estitxu Eizagirre | 2016-05-08 00:00:00 | Nola jarri jokoan adimen mota guztiak
Zortzi adimen mota deskribatzen ditu Gardnerrek. Pertsona bakoitzak adimen mota batzuk ditu garatuen eta hauen bidez errazago barneratzen ditu ikasgaiak. Aldiz, eskoletan ohikoa da ikasle denentzat azalpenak ia erabat testuen eta zenbakien bidez ematea. Tolosako Hirukide ikastetxean bederatzi adimen jokoan jarriz lantzen dituzte gaiak. Bertara jo dugu metodologia hau praktikatik ezagutzera eta Pello Agirrezabal zuzendariak eta Txaro Etxeberria orientatzaileak egin dizkigute gidari lanak:
"Gu, egiten dugunaz bakarrik mintzo gara. Ez gara teorialariak, baina gure eskola, hori primeran ezagutzen dugu".
Hiru ikastetxe batuta ekin zion bideari Hirukidek duela 13 ikasturte. Kristau Eskolen sarekoa da. Hezkuntza proiektu sendoa sortu nahi izan zuten, mende honetan izango ditugun erronkei erantzuteko baliagarria izango dena. Beraz, adimen emozionalarekin hasi ziren buru-belarri duela 12 urte: "Adimen emozionala da honen guztiaren oinarria eta gakoa. Sentimendu eta emozioen hezkuntza", azpimarratu digu Etxeberriak. Adimen emozionala 3-12 urteko ikasleekin lantzeko programa oso bat ere sortu zuten eta 2008an Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu eta lurraldeko ikastetxe guztietara banatu zuen.
Hurrengo urratsa bizikidetza positiboa lantzea izan zen. Etxeberriak argi du: "Badakigu gatazkak beti izango ditugula. Sinesten badugu ikastetxeetan bizitzarako abileziak irakatsi behar ditugula, gatazkak era egokian, hau da, modu baketsuan eta elkarrizketaren bidez konpontzen ikastea benetan da garrantzitsua".
Hezkuntza proiektuaren hirugarren hanka, duela zazpi urte jarri zuten: ikaskuntza kooperatiboa.
Azkenik, duela lau urte altxa zuten hiru oinarri hauen gaineko teilatua: askotariko adimenen paradigma. Horretarako, hiru oinarriak sistematizatzea gakoa dela kontatu digu Etxeberriak: "Edozein gauza martxan jartzea oso erraza da ilusio eta inplikazio pixka bat izanez gero. Baina beste kontu bat da horrek benetan funtzionatu dezala, eta ez dadila organigrama batean loreontzia izan. Oinarri hauek asko zaindu behar dira, urtero, ez hasieran bakarrik. Lan handia eskatzen dute baina bueltan jasotzen den emaitza sekulakoa da".
Eskola benetan guztiontzako izan dadin
Agirrezabalek azaldu du zergatik egin zuten askotariko adimenen paradigmaren alde: "Ikastetxe guztiok mintzo gara eskola inklusiboaz: eskolan denok tokia eta parte hartzeko modua izatea. Ikasle guztien presentzia eta protagonismoa lortu nahi badugu, ezin dugu jarraitu adimen logiko-matematiko eta linguistikoa soilik –edo gehienbat hori– kontuan izanik. Zeren horrela, zenbait ikasle sistema horretan baztertuta geratzen dira. Nahiz eta beraiek badituzten beste dohain batzuek, eskolan ez zaie lekurik egiten. Askotariko adimenen helburuetako bat da ikasle horien indarra ere batzea. Eta denok konturatzea indar hauek entrenatu egin daitezkeela, gainera". Etxeberriak jarraitu du adimenen lanketaz: "Pertsona guztiak ezberdinak gara eta bakoitzak ditu jatorriz adimen batzuk garatuago, eta horrekin atera da bizitzan aurrera. Batez ere adimen linguistiko eta matematikoetan dituzten gabezietan zentratzea baino askoz eraginkorragoa da identifikatzea zer adimenetan den trebeagoa ikasle bakoitza. Helburua ez da bere indargune diren adimenak soilik garatzea, baizik, horietatik abiatuta gainerako adimenak garatzen saiatzea. Ez ditugu adimen denak neurri berean garatuko, baina bai horietako bakoitza bizitzarako behar dugun gutxieneko mailan. Eta indarguneak bai, hauek benetan garatu behar ditugu, bizitzan aurrera ateratzeko".
Ulermen proiektuak eta beste
Nola egiten da lantzen ari diren gaiaren bueltan adimen mota guztiak aktibatzeko? Etxeberriak azaldu digunez, besteak beste ulermen proiektuak erabiltzen dituzte: "Kontua ez da kontzeptu bat ikastea. Hori guztia jada interneten dago. Kontua, zenbait gauzez jabetzea da". Unibertsoaren gaia jarri du adibide: "Helburua ez da zenbat planeta dauden eta zein izen duten ikastea, baizik zein diren diharduten indarrak, nola funtzionatzen duen unibertsoak. Zergatik gauden oraindik hemen zutik". Ume bakoitza bide ezberdinetatik iritsiko da kontzeptu horiek barneratzera. "Irakasleok gaia antolatzerakoan, prestatu behar ditugu adimen ezberdinak jokoan jartzen dituzten ekintzak, ariketak... Ikasle bat gehiago iritsiko da koreografia baten bidez edo bertso bat kantatuz, beste ikasle bat eskema bat begiratuz... Denetatik programatu behar dugu". Batzuetan ikasle denek egingo dituzte ariketa denak, nahiz ikasle bakoitzari gehiago lagunduko dion ariketa mota batek. Beste batzutan, ikaskuntza paisaiak izeneko metodologia diseinatuko dute: helburu berera iristeko bide ezberdinak marrazten ditu irakasleak, ekintza eta ariketa ezberdinen bidez, eta ikaslea joaten da aukerak egiten. Unibertsoaren adibidera itzulita, ikasleek irakurri dezakete unibertsoari buruzko testu bat (hori adimen linguistikoa litzateke), baina patiora ere jo dezakete, eta ikasle bat eguzkia izan erdian jarrita, eta besteak planetak bere inguruan bueltak emanaz (adimen kinesikoa landuz). "Horrela ulertu dezakete umeek urrunen dagoen planetak denbora gehiago pasatzen duela buelta ematen. Beste batek musika bidez hobe barneratuko du..." amaitu du Etxeberriak.
Irakasleentzat, adimen bakoitzarentzako lanketak prestatzeko oso erabilgarri da Monserrat ikastetxeak sortutako tresna kaxa. Ez alferrik, Bartzelonako Monserrat da erreferentzia nagusietako bat askotariko adimenen lanketan. Tresna kaxan aurkituko ditu irakasleak, adimen bakoitzeko egin daitezkeen ariketa eta dinamikak. "Joera dugu adimen linguistikoa soilik testuak irakurriz lantzekoa. Baina beste aukera bat da poesia errezitatzea, bertso bat egitea, txisteak kontatzea... Tresna kaxa oso ona da, irakasleoi baliabideak emateaz gain, burua irekitzen laguntzen digulako".
Gizartea aldatuko duten pertsonak
Agirrezabalek ikastetxearen helburua adierazi du: "Etorkizunean gizartea aldatzeko gai izango diren pertsonak sortu nahi ditugu. Horretarako, eraldatzeko entrenatuta egon behar gara". Eraldaketa soziala lantzeko egiten dituzten hainbat ekimen azaldu dizkigu: "Adibidez, hirugarren ziklokoek detektatu zuten zer gustatuko litzaiekeen aldatzea: eskola ondoko litxarreria denda baten ingurua erabat zikin egon ohi zen eta hori aldatzeko proiektua landu zuten. Beste ikastetxeetara ere joan behar izan zuten asmoa zabaltzera. Udalarekin harremanetan jarri ziren eta hark finantzatu zizkien pegatinak. Igande batean kalea garbitzen aritu ziren sortzen zen zaborraz kontzientziatzeko...". Ikasi ahala gizarteari zerbitzua eskaintzea bilatzen dutela gaineratu du Etxeberriak: "Esaterako, LHko 3. mailatik aurrera bitartekari zerbitzua erabil dezakete, gatazka izan duten bi kideak euren kasa moldatzeko gai ez direnetan. Bitartekariak (LHko 6. eta 6. mailakoak) ez du euren arazoa konpondu behar, bien arteko komunikazioa eraikitzen lagundu baizik. Horretarako metodologia oso bat dago eta bitartekariek 16 orduko formazioa jasotzen dute".
Zerbitzuez ari garela, bi ikasle sartu dira zuzendariaren gelan pozik eta ahots biziz kontatu dute argazkilari batek euren erakusketa aldizkari batean aterako duelako. Agirrezabalek azaldu du: "Eurek proposatu zuten beren marrazkiekin erakusketa egin nahi zutela. Astebetez dago pasilloan ikusgai, eta jolas garaian ordu-laurdenez eta eskola bukatutakoan beste ordu-laurdenez, beraiek arduratu behar dute bertan egon eta azalpenak emateaz".
Hezkuntza gelako hormetatik ateratzeko ez dela diseinuzko eraikin garestirik behar azaldu digute, pasilloan lau-hankan dabiltzan ikasleen artetik pasa eta baratze bertikal bihurtutako eskaileretan behera aterantz lagundu diguten bitartean: "Teilatua ez gainerako espazio denak baliatzen ditugu. Guk ez badugu irudimenik erabiltzen, nola eskatuko diegu ikasleei?". | news |
argia-009340a39e07 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/makronita.html | Makronita | Itxaro Borda | 2016-05-08 00:00:00 | Makronita
Doi bat galduak direla nabaritzen duten jendarte guztiek gizon (bereziki gizon) probidentzialak, dirua usnatzen zaiela, espero dituzte gobernuburu edo armarik gabeko iraultzak urrezko botereraino eramateko.
Pitilina airean New Yorken erori Strauss-Kahn (DSK) zirtzilaren ondotik, orain Frantzian, Macron jauna, bankari ohia, lanaren legedia errautsiz gehiengoarentzat, etorkizunean, esklabismoa amesten duena eta gigolo asumitua, bera baino hogei urte zaharragoa den emaztearekin prentsa hormatuaren orrialdeak betetzen dituena, hautatuko lukete lehendakari, aburu-ikerketak aintzakotzat hartzen baldin baditugu.
Betidaniko gaixotasuna da. Seinale sozial txarra da, diruzain postuan bankaria ezartzen denean, multinazionalen desioak oro konplitzen dituen begia eta belarria bihurtzen delako. Italian, Espainian, Frantzian hala gertatu da, Europako Banku Zentraleko zuzendariaren pedigria aipatu gabe. Joera horrek katastrofeak eragin ditu historian zehar. Ez dut zerrenda egitearen beharrik.
Batzuetan uste dut hobe dela, edozein nagusiren ahotsak isuri berri ofizialak irakurtzea baino La Riera ikustea edo Nit i Dia telesailarekin zoratzea, gau minean zutik.
No ploris mare… | news |
argia-53254aaf2f08 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/gordin-eta-indartsu.html | Gordin eta indartsu | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-05-08 00:00:00 | Gordin eta indartsu
Tolosako Humus taldea bere jatorrira itzuli da. Hiruko gisa hasi ziren, laukote gisa ere aritu izan dira, eta hiruko bezala osatu dute azken lana. Natalia (ahotsa eta baxua), Mantxi (gitarra) eta Aritz (bateria) dira taldekideak.
Beren azken diskoko kantuak oso indartsuak dira. Melodiak arretaz landu dituzte, eta doinu trinkoa, gordina, zuzena, zehatza eta sendoa gauzatu dute Karlos Osinagarekin, Bonberenea estudioan, aurtengo otsailean. Taldeak jendaurreko emanaldietan transmititzen duen indarraren eta intentsitatearen ispilua da diskoa. Taldekideek dioten bezala, agertokia baita beren tokia –Saurius aurreko diskoarekin 40 emanalditik gorako bira luzea egin dute– eta lan berria jendaurrean jotzen erakusteko irrikan daude.
Formatu polita du Humus taldearen lan berriak, dotorea. Lau kantuz osaturiko EP bat da, eta hamar hazbeteko binilozko disko bat eta CD bat barne hartzen ditu. Lau kantuak binilozko diskoan eta CDan entzun daitezke. Tzesnek ederki egin die diseinu lana.
Edukia ere ederra da. Rock eta post-hardcore ukituak nabari daitezke kantuetan, baina, batez ere, kemen eta grina handiz aritu direla grabazio saioetan. Adorez kantuan, gainera, Glaukoma taldeko Juantxo Arakamak abesten du eta rap-metal kutsuko kantua osatu dute.
Doinuetan bezala, hitzetan gordin egiten dute gogoeta, barkamena, adorea, beldurra, besteekiko menpekotasuna eta beste hainbat sentimenduren edo egoeren gainean.
Taldeak eskarmentu handia dauka, ibilbide luzea egina baitauka. 1998an jaio zen, eta Adorez lana burutu aurretik disko hauek kaleratu ditu: Pulper (auto-ekoizpena, 2000), Agortzeke (autoekoizpena, 2002), Leihotik begira zai (Bonberenea Ekintzak, 2003), Lekua (Bonberenea Ekintzak, 2008) eta Saurius (Bonberenea Ekintzak, 2013).
Natalia eta Mantxi dira gidariak. Taldeak urteotan aldaketa batzuk izan ditu partaideen artean, eta abeslaria eta gitarra-jotzailea dira hasieratik ari direnak. Entseguz entsegu, emanaldiz emanaldi, kantuz kantu eta diskoz disko beren doinua eraiki dute eta doinu hori fintzen eta hobetzen ari dira, zer egin nahi duten oso ongi baitakite. | news |
argia-c97801937d34 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/lorena-cabnal-feminista-komunitarioa.html | "Ez naiz hilko tristatuta, ez biktimizatuta" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-05-08 00:00:00 | "Ez naiz hilko tristatuta, ez biktimizatuta"
Ez darabiltzagu terminologia berberak, mundu-ikuskera diferenteak ditugulako abiapuntu. Baina elkar aditzen hasita, denbora pixka bat emanda, aise ikus daiteke nola gurutzatzen duten elkar Lorena Cabnal feministaren bideak eta gureak. Adibide baterako, gorputzaz hitz egin dugu: gure territorio libre, gure gudu-zelai.
Feminista komunitariotzat duzu zure burua. Zertan datza?
Gaur egun feminismo komunitarioa izendatzen dugun horrek hainbat korronte feministatako ezaugarriak biltzen ditu, baina ez zaigu inondik iritsi, guk geuk harilkatu dugu; Guatemalako kasuaz ari naiz, betiere. Niretzat proposamen politikoa da, kosmogonikoa eta espirituala, eta emakume indigenak ditu oinarri.
Gure helburua ez zen feminismo korronte bat eraikitzea. Haserre geunden eta galderak egiten hasi ginen: hain gaizki bizi izan al gara emakume indigenok beti? Zergatik gara gu pobretuenak? Zergatik ezin gara osasungintzara iritsi? Zergatik hainbeste lan, zergatik hainbeste neke, zergatik gaude hain zahartuta? Beste herri batzuetako emakume indigenei begiratu eta ikusi genuen haiek ere oso gaizki zeudela. Beraz, hausnarketa sakonak abiatu ziren gorputz pobretuetatik, gure zapalkuntzak interpretatzeko.
Nola hasi zineten biltzen eta lanean?
Feminismo komunitarioaren hasierako leloetako bat da gure lehen lurraldearen defentsa, gorputzarena. Komunitate indigenetan neska pila bat bortxatzen zituzten eta beldur ginen. 2005ean, indarkeria sexuala salatzen hasi ginen, esaten gure buruak defenditu behar genituela, gure lurraldea bezala. Guretzat gorputza bizitzaren espazio esanahidun bat da.
Klandestinoki ekin genion lanari, 2003 inguruan. Konturatu ginen Xalapaneko komunitatean bost tokitan baino ez zirela biltzen emakumeak, nolabait esatearren, komunitatearen baimenarekin: ura ekartzeko, egurra ekartzeko, ogia egiteko, baratzera joateko eta elizara joateko. Orduan, nola justifikatu genezakeen emakumeak batzea? María Andrea Serranori eta bioi loreak egitea okurritu zitzaigun, hildakoen hilobietara eramateko. Garaian ez genekien loreak egiten ere, baina emakume pila bat elkartu ginen, 370 inguru. Loreak egin bitartean ateratzen ziren benetan landu nahi genituen gaiak, adibidez, zergatik geneuzkan hainbeste ume –50 urtetik beherako emakumeek batez beste hamaika ume zeuzkaten–, edo indarkeria sexualaren gaia, oso naturaldua baitago.
Lurraldearen defentsak berebiziko garrantzia du zuen proposamenean. Zergatik?
Iruditzen baitzaigu gaur egun munduan dauden proposamen feministak iraunkorrak izango direla baldin eta lurra ere hartzen badute bizitzarako ezinbesteko espazio modura. Zapalkuntzen eraikuntza epistemiko oso bat egiten badugu, gorputzen zapalkuntzari eta askapenari buruz, baina ez badugu hori lotzen lurraren askapenarekin, espazio horretan bizi baitira gorputzok, korronte feminista orok hutsune handia izango du. Bizitzarako konpromiso bezala ikusten dugu. Gainera, sistema patriarkalak aspalditik menderatu du natura, ez soilik giza gorputzak.
Meatzaritza interesen aurka egin duzue, ezta?
Egiatan, mendiko borroka ez zen xuxen meatzaritzagatik abiatu baizik eta petrolioa erauzteko interesak zeudelako. 2007 inguruan zurrumurruak zabaldu ziren, atzerritar asko zebilela komunitateen inguruetan. Xalapango lurrak ezin dira saldu, jabegoz komunalak baitira. Hala ere, susmatzen hasi ginen, eta urte horretan bertan komunikatua argitaratu genuen, atzerritarren petrolio interesak salatuz.
Eta gero?
Herri-kontsulten berri izan genuen. Guatemalako mendebaldean hasi ziren kontsultak egiten, ez funtzionario publikoei interesatzen zitzaielako herritarrei galdetzea, jakina, baizik eta herritarrak konturatu zirelako gobernuak lursail asko emanak zituela, beraien baimenik gabe. Eredu horri heldu eta 2009an antolatzen hasi ginen, lur-emakideei buruzko txostenak eskatzen alkateei, diputatuei...
Historia oso luzea da, baina, laburbiltzearren: sekulako lan politikoa egin genuen, ez ziguten informazioa eman nahi eta orduan mobilizatzen hasi ginen. 20.000 sinaduratik gora bildu genuen, orotariko meatzaritzari uko egiten geniola aldarrikatuz. Ez dugu meatzaritza onartuko, hitzik politenekin saltzen badigute ere (garapena eta beste). Jatorrizko herrion arabera, garapena ez da bizitzaren sarean sartzen, izan ere, garapenak, eredu patriarkal neoliberalaren barruan, aberastasuna sortzen baitu batzuentzat eta pobrezia bestetzuentzat, eta ondasun naturalak suntsitzen baititu.
Zertan datza ondo bizitzearen kontzeptua?
Hasteko, ondo bizitzeko modu bat baino, ondo bizitzeko moduak daude, herrion kosmogoniako printzipioetako bat aniztasuna baita. Jatorrizko herriok aitortzen dugu bizitzeko hainbat modu dagoela.
Mundua zibilizazio-krisi global batean murgildu zen eta orduantxe hasi ziren mendebaldekoak guri begira: nola arraio biziraun du jende honek? Eta ondo bizitzeaz hitz egiten hasi ziren, baina ez dago modu estandarizaturik. Herri bakoitzak badu berea, bere hizkuntzan izendatzen du.
Nola interpretatzen duzue zuek?
Gure kasuan, feminista komunitarioak izaki, ondo bizitzearen barruan jatorrizko herrien elementu batzuk berreskuratu nahi ditugu, bizitzaren sareari ekarpena egiten diotenak, adibidez, arbasoen memoria, denbora neurtzeko modua, ahozkotasuna... Baina badaude esentzialismo indigenak ere eta horiek ez zaizkigu interesatzen. Adibidez, indigenen komunitateetan emakumeen aurkako bortizkeria sexual izugarria gertatzen da. Nolatan izango da hori ondo bizitzea? Badaude eraikitako hegemoniak ere, adibidez, gure komunitateak heterosexualak dira guztiz. Horrek bizitzaren sarea hausten du, guk aniztasunean sinesten dugu. Ondo bizitzeak ez badu aintzat hartzen gorputzen aniztasuna... susmagarria deritzot.
Zaila izan behar du traizioari aurre egiteak.
Espazio indigena askotan esan digute jada ez dugula emakume indigenen eran pentsatzen eta hori gertatu dela kanpotar eta feminista askorekin ibili garelako: adibidez, indigenok ez ditugu emakumeak eta gizonak bereizten, gure erreferentzia "herria" izan da beti. Gure iritziz oso interesgarria da herriaz mintzatzea, eta ikustea nola ezkutatu den, kategoria horren barruan, emakumeen gorputzen azpiraketa. Zeren eta, antolatutako komunitate indigenetan, nolatan dira beti nagusi gizonen hitzak eta ekintzak, emakumeenen kaltetan? Nolatan dira gida espiritual gehien-gehienak gizonak? Emakumeok ez al dugu autonomia espiritualik?
Oso prozesu konplexua izan da, eta bada oraindik ere. Noski, prozesu guztiek bezala, doluak, galera eta gatazkak dakartza. Feminista komunitarioon egoera zaila da, estigmatizatu eta jazarri egiten gaituzte.
"Itsasontziek ekarri zutena –besteak beste, erlijioa, ezkontza, birjintasunaren kontzeptua– hemengo egitura patriarkalekin uztartu zen, eta horregatik gaude hain izorratuta gaur egun"
Batzuen arabera, beraz, kolonialistekin batera iritsi zen patriarkatua ere.
Bai, badirudi batzuek orain dela 524 urteko egoerara joan nahi dutela eta esan orduantxe hasi zirela jatorrizko herrien gaitz guztiak, eta horren aurretik oro zela bakea eta maitasuna. Ba ez. Ez, eta kategorikoki diot ezetz. Jakina, ez diot ardura izpirik kentzen koloniari, historikoki, misoginoa eta bortitza izan baita gorputzen eta lurraren aurka. Baina niretzat oso gogorra da nire burua orain 524 urte kokatzea.
Hori guztia esan dezaket emakume indigena naizelako eta, hortaz, autoritate epistemikoa daukadalako nire mundu indigena zalantzan jartzeko. Neu, emakume indigena izaki, ahozkotasunaren bidez, nire gorputzean jasan ditudan zapalkuntzen bitartez, hurbil naiteke kolonizazioaren aurreko lurralde esanahidunera, eta senti dezaket nola eratzen ziren orduan gizarte indigenak. Ordurako, gudak zeuden herrien artean, handiak, eta niretzat gudok jada sexualki bereizita zeuden, gizonak gudariak baitziren, baina emakumeak... Non zeuden emakumeak?
Zuen ustez, "uztartze patriarkala" gertatu zen.
Kolonizazioaren hastapenetako dokumentu asko daude, gizon indigenek idatziak, eta horiek irakurri ostean proposatu genuen uztartzearen teoria. Agirietan kontatzen da nola, gizon indigena askok, mandatariek-eta, emakumeak eman zizkieten, masiboki, kolonoei. Zergatik? Emakume horiek bortizkeria sexuala jasan zuten eta horren oinarrian egitura patriarkal bat zegoen, testuinguru zehatz batean. Zeinek erasotzen dituen gorputzak, zeinek erabakitzen duen gorputz horien patua... egituraketa konplexua da hori.
Itsasontziek ekarri zutena –besteak beste, erlijioa, ezkontza, birjintasunaren kontzeptua– hemengo egitura patriarkalekin uztartu zen, eta horregatik gaude hain izorratuta gaur egun. Kolonialismoa lur emankor paregabea izan zen arrazakeria loratzeko, lurrak desjabetzeko, beste menderakuntza molde bat sortzeko... Eredu ekonomiko guztiz berri bat jaio zen, hori guztia oinarri.
Beste hari bati tira egingo diogu orain. Sendatzea prozesu politikoa dela aldarrikatzen duzue.
Sendatzea behar-beharrezkoa da, betiere politikoki egiten badugu, asmo feminista batekin eta laguntzen badigu gure arbasoen memoria berreskuratzen: nola osatzen ziren beraiek, inposatutako mendebaldeko sistema baliatu gabe. Aitortzen dugu sendatzeko hainbat modu dagoela.
Zergatik da hain funtsezkoa?
Non mamitzen dira zapalkuntzen zama historiko eta egiturazkoak? Bada, gorputzetan. Gorputz honetan bizi ditut sistema patriarkalaren somatizazio guztiak eta indarkeria psikologikoak ere txoko bat dauka nire gorputzean. Non sustraituko dira arrazakeria, misoginia, lesbofobia ez bada gorputz honetan bertan? Gorputza gudu-zelaia da sistema patriarkalarentzat, zeren eta, mingarria da esatea, baina gorputz hauekin eusten diegu zapalkuntza sistemei. Naturak ez du, berez, patriarkatua birsortzen, guk birsortzen dugu.
Beraz, sendatzea bide pertsonal, politiko eta kontzientea da, zapalkuntzak nondik datozen ikusteko eta bizitzaren zentzu politikoa aldarrikatzeko: bai, ni ondo izorratuta jaio nintzen, eta jakitun naiz gorputzean pilatuta dauzkadan menderakuntza horietaz, baina, bestalde, gorputz honetan datza askatzeko potentzia politikoa ere, eta sistema honen pean bizi naizen arren, utikan! Ez naiz hilko ez tristatuta, ez biktimizatuta; uko egiten diot, aurre egiten diot eta ezetz diot. Nire gorputza osatu ahala, energia daukat patriarkatuaren, arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurka borrokan jarraitzeko.
Sendatze prozesuetan bidelagun izan ohi zara. Nola egiten duzue?
Naturarekin eta beste gorputz batzuekin, askatzen ari direnak, noski, ez baitzaizkigu interesatzen hegemonia eta boterea ezarriko dizkiguten gorputzak. Erotismoaren energia ere aipatzen dugu. Patriarkatuak heterosexualtasunaren kutxatxoarekin murriztu du erotismoaren indarra, baina hor daude natura, orotariko gorputzak, denbora-zikloak... Hala ere, kontua ez da masajeak egitea besterik gabe. Hori merkatuak harrapatu du eta ondorioz despolitizatuta dago.
Guk, batetik, maitasun-asmo bat daukagu, naturarekin eta gorputzekin maitasunez berrindartzekoa. Bestetik, elkarrekikotasunaren printzipioan sinesten dugu: sendatze prozesuetan bidelagun garenok ez gaude sendatzearen gailurrean; aitzitik, zu osatzen zarenean ni osatzen naiz, eta alderantziz.
Feministen aurkako jazarpena aipatu duzu lehen eta, amaitu aurretik, Berta Cáceresen erailketaz galdetu nahi nizuke, laguna baitzenuen.
Feminista komunitarioontzat, honezkero, gaur egungo borrokak ezin dira soilik politikoki, feminismoarekin eta sozialki egin, borroka espirituala ere egin behar dugu.
Bertaren tragedia gertatu da, lurralde-feminizidioa, emakumeok gure gorputzak ipini ditugulako hor, lehen lerroan, erasoan. Gauza itzela da hori eta sistemak erantzun egin du, misoginia ikaragarriarekin, gorputzen gainean daukan botererik handiena gauzatu eta mezu argia helarazi digu: emakumeei esparru pribatua dagokizue eta itzul zaitezte bertara. Emakume potente, errebelde, ausarta eta ederra zen Berta; berari hori egin badiote, pertsona publikoa izanda, zer ez ote digute guri egingo, mendietan? Mezu hori bidali digute.
Sendatzeko modu bat izan da Hondurasen biltzea, Bertari agur esateko?
Bai. Funtsezkoa zaigu, biktimizazioan ez erortzeko, eta lanean jarraitzeko. Hondurasen bildu gara, mehatxupean eta estigmatizatuta gauden emakumeak, Epaitegi Iberoamerikarrean salaketak dituztenak, arriskuan gaudelako nazioarteko babesa jasotzen dugunok... Han bildu gara eta kapitalismoaren eta patriarkatuaren heriotza mezuari zera erantzun diogu: zenbat eta zapalkuntza handiagoa, orduan eta antolakuntza sendoagoa. | news |
argia-042a8af89dd4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/aitaren-batean.html | Aitaren batean | Jakoba Errekondo | 2016-05-08 00:00:00 | Aitaren batean
Karrazkilloa edo karraskila ( Rhamnus alaternus ) ez da ugaria gurean. Berozalea da, eta gozo bizi ohi da zaletasun hori bera duten beste zuhaitz eta zuhaixken artean, hala nola gurbitza ( Arbutus unedo ), artelatza ( Quercus suber) , ereinotza ( Laurus nobilis ), ametza ( Quercus pyrenaica ) eta izenaren bukaeran "-tza" ez duten beste batzuk; adibidez, txilar zuria edo zurikatxa (Erica arborea), gartxu hostoestua ( Phillyrea angustifolia ), legeltxorra ( Pistacia lentiscus ) eta Portugalgo erramua ( Prunus lusitanica ). Lurralde heze epelak ditu gustuko. Euskal Herriko itsasaldeko paradisuan gozo etortzen da, ez ordea nonahi, atsegin dituen lurrak lehorrak, nitrogeno gutxi dutenak eta pH altukoak dira; ez alferrik esan ohi da karrazkilloaren bizitokiak artearen lurrak direla.
Espezie dioikoa da; hau da, landare batzuk emeak dira, eta beste batzuk arrak. Aurrekoan esan nuen, arraren polenak emea ernaltzen duenean azken horrek ematen duen fruitua janez gero tripak aitaren batean hustuko dira. Ale asko ahoratuz gero, berriz, barrunbean odoljario edo hemorragia arrisku galanta. Bere adartxoen eta hosto berrien ura odola urtzeko hartzen da; Pío Font i Quer botanikari katalanak ederki azaltzen du Plantas Medicinales, El Dioscorides renovado liburuan (1961): atzaparkada bat katilukada uretan jarri sutan, irakiten hasten denean aitagure bat esan eta sutatik kendu. Goizetan edan behar omen da, baraurik, azukrerik nahastu gabe eta milikerietan eta mizkinkerietan ibili gabe, rau barrura! Gaur egun, ilargiari eskerrak, aitagurerik ez dakigunez zer esan behar ote dugu? Zer bertsok edo kantuk du aitagure haren luzera edo antzekoa? Dakienak bota beza.
Bere adarrekin makilak egiten dira. Azala artilea horiz tindatzeko erabiltzen da. Zura, trinkoa gogorra eta berdina, tornuan lantzeko ona da. Zur horri kiratsa dariola dio Gerardo Lopez de Guereñu etnografo eta euskaltzain ohorezko arabarrak Botánica popular alavesa liburuan (1975); baita ogi-labeak berotzeko erregai bikaina dela ere. Bere lehengusu Rhamnus frangula zumalikarrarena bezala, kirtenak egiteko egokia da. Lehengusu horri buruz, Luis Miguel García Bona biologista nafarrak bitxikeria polita dakar Navarra, plantas medicinales liburuan (1981): bere ikatz arina bolbora egiteko erabiltzen zen. | news |
argia-22e708473f07 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/emakumeen-gorputzak-gudu-zelai-mukwege-doktorearen-lekukotza.html | Emakumeen gorputzak gudu-zelai: Mukwege doktorearen lekukotza | Pello Zubiria Kamino | 2016-05-08 00:00:00 | Emakumeen gorputzak gudu-zelai: Mukwege doktorearen lekukotza
Genevan (Suitza) Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen batzordeak martxoan aztertu ditu azken hamarkadotan Kongo ekialdeko gerretan alde bateko eta besteko gerlariek emakumeen kontra egindako krimenak. Agintari politikoen ondoan, mintzatu da Denis Mukwege ginekologoa, zauritutako emakumeentzako klinika berezia kudeatzen duena, liburu eta filmek munduan ezagutarazi dutena.
Otsailean hasi dira aurkezten Europan barrena eta DVDan ere eros daiteke, frantsesez eta ingelesez: " Emakumeak konpontzen dituen gizona: Hipokratesen haserrea ". Thierry Michel eta Colette Braeckmanek filmean bildu dute 2014an Sajarov saria merezi izan zuen Denis Mukwege doktorearen ibilbidea. Zehazkiago, Mukwege famatuari lagundu diote lau haizeetara ezagutarazten gerrarako arma beldurgarri bezain ezkutatua: emakumeen kontrako sexu erasoak.
Milaka emakume bortxatu dituzte bateko eta besteko gudariek 20 urteotako gerretan Kongoko ekialdean. Planetako zokorik aberatsena izan arren munduko biztanlerik txiroenak dauzkan Kongon. Bukavuko ospitaletik kontatuz emakumeei XXI. mendeko gerretan zer nolako izugarriak egiten zaizkien –gero ospitaletan ahal bezala osatzen ahalegintzen direnak–, Mukwegek lortu du azkenean Nazio Batuen eta zenbait erakunderen begiak erakartzea Kongoraino. Baina, garrantzitsuena dena, bertako emakumeak berak hasi dira madarikazioa hautsirik hitz egiten egun argitan. Hauek baitira protagonistak, ez zirujaua.
Bukavun 1955ean sortua, apez pentekostalista baten seme, auzoko Burundin egin zituen medikuntzako ikasketak, pediatrian berezituz. Emakumeek erditzean jasaten dituzten arazoez kezkatuta, lortu zuen Frantzian ikastea ginekologia, berriro itzultzeko artean Zaire deitzen zen Kongora, Hego Kivu eskualdeko klinika batera.
Kivun egokituko zitzaion 1996an gerra zibilak bete-betean harrapatzea. Hainbat txikizio eta hilketa ikustea aski ez bazen, bera hiltzeko ahaleginez gain, Mukwegek goiz batean Lemera herriko ospitalea suntsituta aurkitu zuen, bertan aterpetutako gaixo guztiak hilik. Kivutik ihesi, 1999an itzuli zen bere sorterri Bukavura, Panzi herrian abiarazteko klinika berri bat.
Mukwegek kontatzen du nola 1999an ekarri zioten ospitalera emakume bat organo genitalak tiroka birrinduta zekartzana. Ahal bezala artatuz, basakeria bakantzat hartu omen zuen ginekologoak. "Baina sei hilabeteren buruan ohartu nintzen beste andrazko askorekin errepikatzen zela: 'Bortxatu egin naute, eta gero baioneta bat sartu baginan! Bortxatu egin naute eta ondoren aluan kautxua sutu!"…
Horrela jabetu zen garai hartan Kinshasako gobernuaren eta bere aurkako talde armatuen arteko gatazka odoltsuan gerrako armatzat usu erabiltzen zirela bortxaketa eta emakumeen organo genitalen suntsiketa. Mukwege eta bere taldea gero eta gehiago zentratu ziren sexu bortizkeria jasandako biktimon matxurak konpontzeko kirurgia ikasi eta praktikatzen. Urteotan 40.000 emakume artatu dituztela dio Nazio Batuen Erakundeak Mukwegeren ohorezko dokumentazioan.
Human Rights Watch GKEk duela bi urte plazaratutako ' La guerre dans la guerre : violence sexuelle contre les femmes et les filles dans l'est du Congo ' agiriak deskribatzen du nola alde guztiek Kongon erabili duten sexu bortizkeria, baina aitortzen ere ezin dela jakin zenbat diren biktimak, dozenaka milaka direla segurtatuz. Hasteko, Kongoko gerretan zenbat jende hil den ere ez dakigu zehaztasunez, bost milioi arteko kopurua aipatzen dute aditu batzuek... Bestetik, sarritan beren komunitateak ere baztertzen dituen biktimentzako tabua horretaz hitz egitea.
Mukwegek dioenez, "guk artatu ditugun emakumeen kopurua ez da icebergaren muturra baizik. Bortxatu dituztela aitortzeko beldurrez bizi dira asko, ondoren senarrak arbuiatuko dituen kezkaz". Gizartean hain dago sustraitua tabua, ezen eta usu biktima eta erasotzailea elkarren hurbil bizi baitira: "Emakumeak ezagutzen du aurreko etxean bizi den gizon hori, goizero gurutzatzen du, baina tamalez honek ez du sekula krimena bere gain hartu behar izan".
Bortxaketa, jendeak izuarazteko arma
Panziko klinikan hasieran mediku eta erizainak zentratu ziren bortxaketan egindako zauri eta txikizioak kirurgiaz konpontzen, ohartu ziren arte ez zela aski. "Ekamume askok, zauriak sendatu ondoren ere, uko egiten zioten jateari, edateari, bizitzeari… eta azkenean hil egiten ziren halako suizidio gogo batez bezala". Psikologo eta gizarte laguntzaileak ekarri zituzten, emakumeekin lan egiteko kirurgiari ekin aurretik.
Zenbait GKEren laguntzak egiten du posible bai Panziko ospitaleko lana eta klinikatik irten ostean emakumeen jarraipena egitea, hein batean diruz ere lagunduz biktimei beren gizartean berriro txertatzen. Halako klinika juridiko bat ere antolatu da, auzitara jo nahi duten biktimei laguntzeko.
Mukwege doktorea hiltzen ahalegindu dira behin baino gehiagotan, azkena 2012an, eta gaur egun Nazio Batuen Erakundearen kasko urdinen babespean dira bera eta Panziko ospitalea. Mukwegerekin ari diren erizain eta laguntzaile guztiek ez dute zorte bera izan eta batzuk bortxatuak izan dira.
L'homme qui repare les femmes filmaren egile Thierry Michel eta Colette Braeckman ek oroitarazten dutenez, Kongoko gerra odoltsuak oso oihartzun mediatiko mugatua izan du. Kolorerik ere ez Ekialde Hurbileko gerrekin, izan Palestinakoa, Siriakoa edo Irakekoa, oso irudi gutxi iritsi dira Kongotik, nahiz eta azken hamarkadotako gatazkarik odoltsuena izan, hein handi batean hango lurpean dautzan mineralen kontrolak eraginik. Irudirik eta oihartzunik ezean, basakeria are latzagoak burutu dira Afrikako oihanotan.
Emakume helduez gain neskato eta baita haurrak ere bortxatzea ohikoa da Kongo ekialdeko gerran, nahiz eta azken aldi honetan guduek baretzera jo duten. " Emakumeen gorputzak benetako gudu zelai bihurtu dituzte eta bortxaketa gerrako armatzat erabili ", dio Mukwegek. "Bortxatutako emakume bakoitzean ikusten dut nire emaztea. Bortxatutako ama bakoitza da nire ama eta bortxatutako ume bakoitza nire haurra. Hainbeste denbora galdu dugunez bortizkeriaren kalteak konpontzen, garaia iritsi da horren kausak zaintzen hasteko".
Filmarekin batera plazaratu dute liburu bat ere, Le viol, un arme de terreur , Mukwegek landu duen ildoan sakonduz. Bertan aztertzen da, tartean, nolaz diren hain nagiak hedabideak emakumeei eta haurrei egindako krimenok jorratzerakoan.
Zenbait erakunde humanitariori aurpegiratzen baldin bazaio horiek instrumentalizatzen dituztela herritarren begietan deigarriak direlako, prentsak leku gutxi eskaintzen die eta azkar desagerrarazten begien aurretik. Kazetari batek kontatu du erredakzioburuak erantzun ziona artikulua proposatutakoan: "Bortxaketak? Duela gutxi egin genuen beste albiste bat horrekin". | news |
argia-d8126b5818b4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/dena-kantuaren-faboretan.html | Dena, kantuaren faboretan | Jon Aranburu Artano | 2016-05-08 00:00:00 | Dena, kantuaren faboretan
"Eszenatokia handitxo gelditu zaie" edo "talde hori ez da tabernetan aritzekoa" askotan esaten ditugu. Non nork jotzen duen, eta ze espazio dagoen entzuleentzat edota musikarientzat, aldea baitago. Emanaldi honen kasuan, aitortuko dizuet, The Brontësek Parralen jo behar zuela jakin nuenean, harritu egin nintzen. Hala ere, gogo berezia nuen, talde handiak leku beraientzako ustez txikietan ikustea beti egin baitzait erakargarri, jendetza bildu eta estu egongo garela jakin arren. Hirukote hau talde handitzat dut, inguruan jotzen duela dakidanean (ez baitute maizegi jotzen, entzulea ez nekatze aldera) ikusi eta entzutera joan beharrekoa. Eta beraien curriculuma ere talde handi batena da: 20 urte pasatxoko ibilbidea, 7 disko kaleratuta, Espainiako diskoetxe indie garrantzitsuenetakoa zen Astrorekin haietako batzuk, Paco Loco ekoizle ezagunaren talde gustukoenetako bat...
Lehenengo gitarra hotsekin batera sartu ginen, eta jendetzarik ez, baina beteta. Soinua oso orekatua: garbi nabaritzen ziren Raul Ramaren gitarra jokoak, Iñaki Calzadaren baxuak paper garrantzitsua du taldean, eta bolumenez dotore zegoen Alvaro Larroryrekin oinarri sendoa osatuz. Izatekotan, ahotsa baju xamar, Raulek zer kantatzen zuen ulertzeko, baina bueno, diskoak daude horretarako.
Taldearen soinuari buruz hitz egiteko, nahitaezkoa da Dinosaur Jr. aipatzea. Talde estatubatuarraren eragin nabarmena baitute Gasteiztarrek. Raul Ramak bakarka egindako kantuak dituzte oinarri, pop kantu klasikoak, hiruzpalau akorde, melodia dotorea, eta estribilloa batzuetan. Segur aski gitarra akustikoz sortutako kantuak, eta haiei espartzuzko jantzi rockero bat jartzea izaten da, gehienetan, taldearen lana.
Hortaz, Parral tabernako taula gainera igo zirenerako bagenekien zeren esperoan geunden. Ez genekiena zen euren zazpi lanetako zeinetatik hartuko zituzten kantuak. Gaztelaniaz kantatutako Vender la Sombra (2011) izan zen galtzen atera zena, ez baitzuten bertako kanturik jo. Que la tierra te sea leve tik (2013), berriz, Sin Respirar kantua bakarrik jo zuten. Eta egia esan, eskertu nuen, gaztelaniazko diskoak galtzen atera izana, aurreko lanetan, ingelesez kantatzen dutenean, hobeto ari direla iruditzen baitzait. Hizkuntza aldaketak, Ramari abesteko modua ere aldatu diola iruditzen zait. Nire zorionerako, uda partean grabatzeko asmoa duten lan berrian, berriz ere anglofono omen datoz. Beste lanetatik berriz, ia denetatik jo zuten kanturen bat. Baita 2015ean eta sarean bakarrik kaleratu duten Lostetik ere.
Artifiziorik gabeko kontzertuak izaten dira hirukoarenak. Kantu eta kantu artean ia hitzik ez. Komunikazio bakarra, kantua. Eta nahikoa; zer esango dizuet. Kontzertu amaieran, giroa gorenean zegoenean, Way to Nowhere laneko I Wanna Know k klimaxa lortu zuen. Eta horrekin, aio. Bisik ere ez: jotzeko asmoa zuten kantuak jo, eta listo
Dena, kantuaren faboretan. | news |
argia-14e0ac423c53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/panama.html | Panama | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2016-05-08 00:00:00 | Panama
Azken aste hauetan asaldatuta gabiltza Panaman azaldu diren 11,5 milioi dokumentu filtratu dituelako kazetarien kontsortzio batek. Dokumentu horietan azaltzen diren izen ospetsu batzuk bakarrik eman dizkigute, baina jakin behar dugu munduko populazioaren %1ek munduan zehar barreiatuta dauden paradisu fiskaletan dokumentuak gordeta dauzkala, eta oraingoan bakarrik, Panama atera dela.
Urrutira joan gabe hor daukagu Andorra, Gibraltar edo Britainia Handiko hainbat irla txiki. Alabaina, harrigarriena da Europar Batasunaren bihotzean dagoen Luxenburgo, ahaztu gabe Herbehereak edo gure artean dauden paradisu fiskal sektorialak. Adierazgarria da agintariek eta horien aurpegi garbitzaileek, hots, komunikabideek azaldu dituzten jarrerak, hipokresiaren aurpegiak azaldu baitituzte.
Zinismoa: iruzurra egin dutenak espetxetik kanpo eta salatzaileak zigortuta. Hor daude Falciani, Assange eta abar, espetxe bidean edo prozesatuak izateko arriskuan. Zergak ordaintzen ez dituztenak kalean lasai, egoera hori salatzen dutenak jazarrita. Horrela nola amaituko da paradisu fiskalekin?
Zer espero dezakegu Europako Batzordeburuaren aldetik, bera Luxenburgoko lehen ministroa zenean Luxenburgora hirurehun bat enpresa multinazional erakarri baitzituen? Horien artean Google erraldoia, beronen mozkinek hutsaren pare ordain zezaten. Zer idatziko dute Espainiako Estatuko egunkari eta telebista handiek Banco de Santanderren edo BBVAren maileguen menpe baldin badaude, nahiz jakin diru-etxe horiek aritzen direla hemendik beretik dirua paradisu fiskaletara bideratzen?
Antza, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) jazarriko omen dituzte paradisu fiskalak. Baina nork sinetsiko die erakunde horiei beraien agintariak estatu kideen gobernuek izendatzen badituzte. Aipatzekoak dira Rato edo Strauss-Khanen kasuak, biak NDFko zuzendari ohiak, Panamako zerrendan azaldu direlako; Felipe Gonzalez ere ez dabil oso urrun zerrenda horretatik.
Jakin dugu ere Argentinako lehendakaria, Macri jauna, eta Britainia Handiko Cameron jauna, besteak beste, nahasita dabiltzala paradisu fiskaletan. Besterik ezin dezakegu espero Saudi Arabiako Salmon erregeaz edo Ukrainako lehendakariaz edo Errusiakoaz. Baina ezer gutxi dakigu Alemania edo Herbehereetako agintariez; edo AEBetakoez, horiek ez daukatelako beraien ondareak kanpora eraman beharrik, paradisu fiskalak bertan baitituzte: Delaware, Nevada, Wyoming…
Zinismoa: iruzurra egin dutenak espetxetik kanpo eta salatzaileak zigortuta. Hor daude Falciani, Assange, eta abar, espetxe bidean edo prozesatuak izateko arriskuan. Zergak ordaintzen ez dituztenak kalean lasai, egoera hori salatzen dutenak jazarrita. Horrela nola amaituko da paradisu fiskalekin?
Pertsonaia horiek guztiek, neoliberalismoaren doktrina erabiliz, gastu sozialen murrizketak egin beharrekoak direla esaten digute, egun batean bai eta bestean ere bai, eta bien bitartean kutxa publikoetara egin behar lituzketen ekarpenak saihesteko paradisu fiskaletara eramaten dituzte beren dirutzak, sarrera publikoak erabat murrizturik utzita. Gainera, pertsonaia horiek fundazio ospetsuak sortzen dituzte beraien negozioetako etekinekin, normalean, karitate ekintzetan erabiltze aldera. Zalantzarik gabe, estatuak modu demokratikoagoan erabiliko lituzke diru horiek, eta ez Afrikako herrialdeetan transgenikoak sustatzen, Bill Gates eta enparauek egiten duten bezala.
Globalizazioak mundua herrixka bilakatu zuela zioten. Eta jakina, herrixka batean edonor eta edozer alde batetik bestera mugi daiteke. Dirua bai, zuntz optikotik alde batera eta bestera eraman dezakete, batik bat paradisu fiskaletara, baina ez pertsonak. Pertsonek ez daukagu mugitzeko eskubiderik, preso egon behar dugu gure herrialdeetan. Bestela galdetu Grezian dauden siriar, irakiar edo afganiarrei. | news |
argia-db0128cac7cb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/jendeok-iratzartzen-bagara.html | Iratzarriko da Euskal Herria | Mikel Asurmendi | 2016-05-08 00:00:00 | Iratzarriko da Euskal Herria
Nuestro pueblo despertará / David Jaime y la República vasconavarra (Txalaparta) Jose Mari Esparza Zabalegiren liburu ziztagarria eta kitzikagarria da. David Jaime tafallarra zen, politikaria. Hona, egungo beste idazle tafallar batek haren inguruan idatzitako nondik norako zenbait.
1936ko gerraz ongi idazteko, funtsezkoa da Euskal Herriko historia ongi ezagutzea. Hartara, alde batekoen zein bestekoen "memoria" eta biktimen "erreparazio" duina egin ahal izateko, justizia egiteko.
Xede horretan, norbanakoen morala, etika edota ideologia ongi arakatzea berealdikoa da. Jose Mari Esparza Zabalegiren Nuestro pueblo despertará / David Jaime y la República vasconavarra liburuan ezaugarri horiek guztiak ongi uztartuta daude. Liburuaren ideologia azpimarratu nahi dut, haatik. Jendeok ez ditugu ezagutzen iragan mendean gure herrian loratu ziren mugimendu politikoak, ezta urrik ere. Esaterako: nor izan zen David Jaime? Ba al dakigu euskal herritarrok República vasconavarra ekimen gartsua izan zela? Zer dakigu gure historia berriaz? Zer dakigu euskal politikaz?
David Jaime gure herria iratzarriko zen esperantzaz bizi izan zen, gerra aurretik, gerran, zein gerra ondorenean. Kanbon (Lapurdi) lurperatu zutenean, bere memorian "euskal errepublikaren" eta "gure herria iratzarriko da" ideiak eraman zituen hilobira.
David Jaime Dean tafallarra zen (1887-1949). Euskalduna, baiki, euskal hiztuna. Euskaraz idazten zuen. Idatzi, nori? Bada, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakariei –Jose Antonio Agirre eta Fermin Leizaolari– idatzi zien euskaraz. "Abertzale" ez zen batek "abertzale" zirenei euskara herri honen funtsa zela oroitarazten zien. Abertzale edo nazionalista izan gabe, Jaimek funtsezko ezaugarritzat zituen euskara eta euskalduntasuna. Ez bakarra, bistan da.
Errepublikanoa eta liberala zen: "Askatasuna da gizakiaren idealik adierazgarriena. Berau gure animoetatik ez da desagertzen, ez bada gure bihotza zimeltzen eta gure espiritua doilortzen direlako. Ez dago hogei urterekin errepublikanoa ez den espiriturik", pentsamoldea bere egin zuen.
1936ko Gerra Zibilean gertatu zenaz gaingiroki dakigu, eta batez ere, euskal nazionalismoaren inguruko gertakarien arabera eta haren ideologiaren arian gauzatua. Euskal errepublikanismoren aurrekariez eta II. Errepublikaz gehiago jakiteko, David Jaimek –eta haren kideek– urratu zuten bidea ezagutzea zinez garrantzizkoa da, baldin eta Euskal Herria bere osotasunean ulertu eta integratuko badugu.
David Jaimeren kideak ez ziren soilik Alderdi Errepublikanokoak, kideak ziren ere euskal nazionalistak, abertzaleak, sozialistak, komunistak, anarkistak… Falangistak, erreketeak edota monarkikoez beste, ia gainerako guztiak. Nola egin bat, nola elkartu, ordea, Francoren altxamendu faxistaren aurka? Dilema hori bizirik dago gaur egun ere. Francoren ondorengoak bizirik egon ez ezik, haiek baitira nagusi Espainiako Estatuaren aparatuan. Historiaz ari zaigu liburugilea, eta aldi berean, zeharka, egungo egoera politikoa ulertzeko gogoetatzera garamatza.
Eusko Jaurlaritzaren berri badugu, 1936koaz eta gaurkoaz. Baina ba al dakigu Nafarroako Kontseilua izan zela? Nafarroan abertzaletasun errepublikanoa loratze bidean zegoela, gerrak errotik moztu zuena? 1977ko trantsizioa iruzurra izan zela pentsatzeko motibo asko dago, baita PSOEk orduan hartu zuen jarrera doilorra (ez zen bakarra izan, kasu) eta egungo bere jarrera ere, kritikagarriak direla. Bada, liburua irakurrita mina eta jakin-mina areagotuko zaizkizu. Nafarroako sozialistek jokatu duten rola "ederki paratua" ageri da. Eta izen baten arrastoari segida eman nahi badiozu, honatx: Victor Manuel Arbeloa.
Euskal historiako protagonista askoren izenak eta gertakariak daude liburuan. Bakoitzari dagokion heinera ekarriak, historia interpretatzea ez baita samurra. Horrek artxiboko lan gaitza eskatzen du. Horretaz asko daki Esparzak, eta berriz ere ongi baino hobeto frogatu ditu bere talentua eta lanerako tirria. David Jaime Kanbon lurperatuta dago, eta horregatik ere Iparraldearen orduko egoeraz jabetzeko ere balio digu liburuak. Iparraldeko historiaren heina eta gaur egungoa neurtzen jakiteko baliagarria.
Jose Mari Esparzaren idatz molde ziztagarriak akuilatuko zaitu alaiki. Gure historiaren pasarte gogorrak ere ederki gozatzen baitaki luma zorrozdunak. David Jaime herrikidearen espiritu anaikidea du Jose Mari Esparzak. Gure historiako protagonista ezezaguna. Gainerakoak liburu kitzikagarri honetan dituzu. Jendeok iratzartzen bagara, iratzarriko da Euskal Herria. | news |
argia-caf12464b06c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/ekoguneako-udalekuak.html | Txikienak ere naturan gozatzen | Garazi Zabaleta | 2016-05-08 00:00:00 | Txikienak ere naturan gozatzen
Eguraldi ona iristearekin batera, gutako asko hasi gara udarako planak egiten. Oporrak, hondartza, bidaiak, mendia... Haur askok, ordea, zerbait gehiago ere izanen du buruan: "Udalekutara joaterik izanen ote dut aurten?".
Euskal Herrian udaleku mota asko topa ditzakegun arren, guztiek ez dute naturarekiko harremana sustatzeko eta ingurumenaren gaia zuzenean lantzeko aukerarik ematen. Horretan ari dira, besteak beste, Kutxa Ekogunean (Gipuzkoa). "Iazko udalekuetan baratzea landu genuen batez ere, eta haurrek sekulako erantzuna eman zuten", adierazi digu Maialen Sistiaga Ekoguneako hezkuntza eta aisia arduradunak.
Naturan bizitzeko, orientazioa eta biziraupena ardatz
6-12 urte bitarteko haurrentzat antolatzen dituzte udaleku irekiak Ekogunean. Goizero bertan elkartzen diren umeek naturan bizitzeko eta hura ulertzeko tresnak jasotzen dituzte. Helburua, antolatzaileen arabera, Ekogunean lantzen dituzten edukiak (ingurumena, ekologia, naturaren zaintza) gizarteratzea da; hitzetatik ekintzetara pasatzea.
Haurrekin, noski, jolasen bidez lantzen dituzte gaiok: "Aurten batez ere orientazio eta biziraupen gaiak landuko ditugu udalekuetan: ikasiko dugu, adibidez, landare jangarriak identifikatzen, txabola bat egiten edota iparrorratzarekin eta astronomia erabiliz orientatzen".
Parkeko hainbat gune bisitatuko dituzte egunero udalekuko partaideek: gaur baratzea, bihar ibaia, etzi larrea, hurrena basoa... Modu honetan, haurrek zuzenean, beren begiekin eta eskuekin ikasten dituzte naturako elementuak.
Aurten, ludoteka ere bai
Sei urtetik beherako haurrentzat aisialdirako eskaintza falta zegoela sumatu dute Ekoguneako kideek azken urteetan. Horri buelta emateko antolatu dute aurten, lehen aldiz, ludoteka. Udalekuen antzeko helburuak izanik ere, gehienbat haur parkean egonen dira ludotekako haurrak (3-10 urte bitartean). "Era autonomoan jolasteko eta jolas kooperatiboetan parte hartzeko aukera izanen dute". Hala ere, ludotekatik baratzera eta ibaira ere eginen dituzte irteerak, beraz, txikienek ere izanen dute Ekoguneako txokoez gozatzeko aukera.
Etorkizuneko baratzezain eta landarezain gaztetxoek badute toki aproposa uda honetan ere. Txikitatik gozatzen baitugu eskuak lurrez zikintzen... | news |
argia-1a8a6c202d48 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/serge-mongeau-gutxiagorekin-urosago.html | "Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du" | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-05-08 00:00:00 | "Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du"
Egunerokoa soiltasunarekin errimatzen dabil Serge Mongeau (Montreal, Quebec; 1937). Jestu pertsonal hori mugimendu zabal bilakarazteko xedez, La simplicité volontaire (Nahizko soiltasuna) izenburuko liburua argitaratu zuen 1984an. Ordutik, herritarrak hautu horretara bultzarazten dabil. Badaki ordea ez dela nahikoa. Arras pesimista da: "Gure zibilizazioaren hondamendia dator". Desazkundearen mugimenduan edota trantsizioan dauden hirietan ikusten du aterabidea.
1984an publikatu zenuen Nahizko soiltasuna.
Garaian arrakasta txikia ukan zuen. 1998an berriz argitaratu genuen; erdiespen handia ukan zuen urte horretan, prentsa inportante bateko kazetari batek artikulu luze bat eskainirik. Komunikabideen boterea ikaragarria da, damugarria da ikusiz ia denak sistemaren mantentzearen alde ari direla.
Kontsumo gutxiago, gastu gutxiago, beraz lan egiteko behar gutxiago. Horrek dakar denbora libre gehiago.
Bai, laburbilduz hori da nahizko soiltasuna. 80ko hamarkadan ez bezala, ingurumenaren gaia ezin baztertua dugu gaur egun. Segur da mugatua dugun planeta batean ezin dugula etengabean gainkontsumitzen ibili. Horri begira, aterabide gisa aurkeztua da usu. Baina arras argi dut ez dela aski. Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du, baina, jestu indibidual hori ezinbestekoa izanik ere, ez da nahikoa.
Zer behar zaio gehitu?
Arras gudu desorekatua dugu. Alde batean enpresa indartsuak ditugu, komunikabideak eta gobernuak kontrolatzen dabiltzanak, eta beste aldean gu, herritar xumeak. Garaian autoak inposatu zizkiguten. 30eko eta 50eko hamarkaden artean, National City Lines enpresak AEBetako 45 hiri handietako tranbia konpainiak erosi zituen, autobusekin ordezkatzeko, nahitara kalitate txarreko zerbitzuak planteatuz. Automobilgintzaren sektoreko enpresek zuten sortu NCL, hots, gurpil ekoizleek, ezantza konpainiek, auto ekoizleek. Hirien antolaketa edota garraio kolektiboen zerbitzu kaskarra dela-eta, autoa hartzera behartzen gaituzte oraindik. Zaharkitze planifikatua ere hor dago. Zaharkitze artifiziala ere, urtero 500.000 dolar dira publizitaterako bideraturik. Kasik armamendurako bezainbat.
Eta parean, herritar xumeak.
Bai. Paradigma aldaketa ekarriko duen mugimendu masibo bat ezinbestekoa dugu. Horretarako abiatu genuen desazkundearen mugimendua 70eko hamarkadan. Bost zutabetan oinarritzen da azken hori: demokrazia, erabakitzeko eskubidea berreskuratu behar dugulako; kolektiboa, beharrei taldean erantzun behar diegulako; tokian tokikoa, autonomo izan behar garelako; justizia soziala, ezin dugulako injustiziarekin jarraitu; eta soiltasuna, kontsumo batzuk alde batera utzi beharko ditugulako.
Nola bultzatu paradigma aldaketa hori?
Hiru mailatan eraginez. Bat: maila indibidualean. Nahikoa ez bada ere, biziki inportantea da, jendarte berria gauzatzen gabiltzalako. Auzo mailan: demokrazia gauzatzeko komunitate ttikiak behar ditugu, geroa ez da megapoloetan kausitzen. Hirugarrenik, politikan. Aldaketarako nahikeri politikoa beharrezkoa da. Azken hori zentzu onera bideratzeko gisan. Politikan inplikatu behar dugu.
Argi gelditzen ari da finantzak duela politika gidatzen.
Bai, arrazoi, gobernuak finantzaren menpe dira geroz eta gehiago, eta indarrez ahulduz doaz.
Paradigma aldaketa nekez gertatuko da horrela.
Epe luzerako lana eraman behar dugu, alderdi politikoak eraldatzeko helburuarekin. Une berean, neurri zentzugabeen kontrako borrokarekin segitu behar dugu. Konparazione, petrolio-hodien aurkako mugimendua eraman behar dugu absolutuki Quebecen.
Berant izan baino lehen lortuko dugu?
Oso pesimista naiz, edo hobeki erranda, errealista. COP21 gailurrari begiratzen badiogu, argi da gobernuek ez dituztela behar liratekeen neurriak hartu nahi. Orokorki herritarrek ere ez dute beste bizimodu bat hartu nahi. Gurpil zoro batean gara, azkenean kontsumo xede bera dutelako biek. Kapitalismoa berdatzen saiatzen dira, baina ez dela aterabidea! Izan autoa eraikitzeko ala elektrika ekoizteko orduan, auto elektriko batek berdin kutsatuko du. Hauturik ez dugularik ukanen, orduan ihardukiko dugu.
Hots, berant izanen denean...
Bai, hori da. Maleruski, miliarka jendek sufrituko dute eta behartsuak dira lehenik hunkiak izanen. Ondorioak jada sendi dituzte hainbat herritarrek. 2050erako itsasoaren heina metro batez emendatuko dela aurreikusten da; hori horrela, 600 milioi jende dira haien bizitokitik haizatuak izanen, muturreko arriskutik ihesi. Gure zibilizazioaren hondamendia dator eta abiadura bizian goaz harengana. Errotikako neurriak hartu behar lirateke, baina ez dirudi hartzekotan garenik.
Trantsizioan dauden hirien sarean ere bazabiltza.
Indibidualki argi da ez dugula biziraunen, kolektiboki eta autonomoki antolaturiko komunitateek dute biziraunen. Gobernuen gelditasuna ikusirik, haien geroa haien eskuetan hartzen duten hiriak dira sare horretan. Hondamendira eramaten gaituztenen partetik ezin ditugu aterabideak itxoin. | news |
argia-3488cdfdacaa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/opari-pozoiduna.html | Opari pozoiduna | Oier Araolaza | 2016-05-08 00:00:00 | Opari pozoiduna
Orain urtebete ongietorria eman nion orriotan Dantzertiri, antzerkia eta dantza ikasteko Eusko Jaurlaritzak Bilbon ezarritako eskolari. Irailean ireki zituen ateak eskolak, lehen ikasturtea osatzen ari da eta arte eszenikoen alorrerako albiste ona da hori. Baina nire ongietorrian aurreikusten nituen gabeziak oraindik larriago ageri zaizkigu urtebete beranduago.
Eskola ezartzeko hautatutako egoitza, Arriaga Kontserbatorioa, ez da egokia. Irakasleek eta lehen ikasturteko ikasleek eman dezakete horren berri. Dantza irakasteko gelak txikiegiak dira, musika irakasteko pentsatuak baitira, eta ez dago azaldu beharrik, espazioari dagokionez musikaren eta dantzaren premiak desberdinak dira. Bestalde, eskolak ez du antzokirik. Antzerki eta dantza eskola bat antzokirik gabe? Ba halaxe da, bai. Kontserbatorioak musikara begira prestatutako entzutegia du, ez du antzokirik, eta lan-toki nagusia antzokia izango duten profesionalen hezkuntza antzokirik ez duen eraikin batean ezartzea erabaki oker eta larria da.
Euskal dantzariontzat bada kontu okerragorik baina. Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Hau berriz idatziko dut, hain ulergaitza eta onartezina izanik, sinesgaitza egiten baitzait, eta ea birritan irakurrita neuk ere barneratzen dudan: Dantzertin ez dago euskal dantza ikasketarik egiteko aukerarik. Inork imajinatzen du Filologia Fakultatea Gasteizen, filologia alemana, frantsesa eta hispaniarra ikasteko aukerarekin, baina Euskal Filologiarik gabe? Ba horixe dugu dantzari dagokionez Bilbon, eta ez da orain 50 urteko kontua, 2016koa baizik.
Dantza talde, dantza eskola, hezkuntza orokorreko eskola, kultur etxe eta aisialdi guneetan, Gipuzkoan bakarrik 300 irakasle eta 10.000 ikasle inguru ari dira euskal dantzaren transmisioan. Gero eta ohikoagoa da herriz herri sortu diren Musika eta Dantza eskoletan euskal dantza irakastea. Horietan biolin, gitarra edo tronpeta irakasteko alorreko titulua behar du irakasleak. Eta euskal dantza irakasteko? Euskal dantza irakasteko ez da ez titulurik ez ikasketarik behar, edonor izan daiteke euskal dantzako irakasle.
Izan ere, Hezkuntza Sailak, euskal dantza irakasle izateko ikasketak eskaini beharrean, habilitazioak oparitzen ditu. Edonork egin dezake eskaera Jaurlaritzan, dantza kontuetan zer eta non ibili zaren kontatu eta kito, baduzu zigilu ofiziala euskal dantzaren irakasle izateko. Ez daukazu ezer ikasi beharrik, Hezkuntza Sailak habilitazioa oparitzen dizu. Azken urteotan hainbat habilitazio eman ditu Jaurlaritzak, eta badirudi berdin jarraitzeko asmoa duela, ez baitu asmorik euskal dantzari buruzko ikasketarik eskaintzeko. | news |
argia-4e2067660c53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/liburua.html | Ametsak laranja bat zaborretan dira | Saioa Ruiz Gonzalez | 2016-05-08 00:00:00 | Ametsak laranja bat zaborretan dira
"Gure bizitza amestu baino gehiago, gure ametsei bizia ematen saiatu behar gaituk, gure ametsak bizitzen" ( Laranja bat zaborretan , 99. orrialdean). Esaldi hau ekarri nahi izan dut, ederra izateaz gainera, ongi laburtzen duelako Patxi Zubizarretaren azkeneko eleberria, Laranja bat zaborretan (Elkar, 2015).
Tituluarekin bat eginez, hastapeneko para-testu gisa, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak pelikularen aipu bat topatzen dugu, eremu pobre edo aberats batean ote gauden jakiteko zakarrontziak begiratzea besterik ez dugula dioena.
Ametsaz, laranjaz eta zaborraz ari garela, Karabino izeneko mutila izanen dugu hiruen arteko lotura elementua eta eleberriko protagonista. Bera bezalako pertsona batek bakarrik amestu dezake zaborretan laranja bat topatzearen luxuarekin.
Zubizarretak Kairo Zaharreko Mukattam hirira eramaten gaitu, "asto batek asfaltoan kraskatutako intxaur bat bezalako auzunera" (9. orrialdean) edo, bestela esanda, Zabalin esaten zaien kristau koptoen komunitatera, Karabino eta bere familiarena hain zuzen ere. Kairoko zaborra biltzeaz arduratzen dira zabalin deiturikoak, "jainkoaren oparia den hori" (12. orrialdean) biziraupen iturri bakarra dutelako. Determinazioa agintari den –" Zabalin jaio gintuan eta zabalin hilko gaituk"– eta esperantzarik ez dagoen –"gu zorri izateko jaio gintuan"– giro honetan hala ere, Karabinok amets bat dauka: Mukattametik Kairo Berrira alde egitea. Karabinok, gainerakoek ez duten gaitasun bat duelako barre egiten diote bere lagunek eta zenbaitetan jo ere, ameslaritzat dutelako. Liburuaren lehen partean bere haurtzarotik orain arteko ametsez dihardu besteak beste. Bere amets errepikakor horietako baten ondoren, Al-Qaraban Hildakoen Hirira joatea erabakitzen du eta bertan ezagutuko du Nagib ipuin kontalari itsua.
Pertsonaia honek, Jakoben hamaikagarren semea Joseren istorioa txertatzen du eleberria ahozko tradizioari lotuz. Nagib itsuaren ipuin bakoitzaren amaieran irakurleak QR kodeak topatuko ditu, nahi izan ezkero, kondairak ahots biziz entzun ahal izateko. Esperientzia guztiz gomendagarria.
Eleberri honen berezitasuna tradizio desberdinen (idatzia eta ahozkoa) lotura eta arteen arteko hibridismoa da. Zubizarretaren idazkerak, Mintxo Cemillánen ilustrazioekin lagundurik, sinbologia ezin aberatsagoa eratzen dute, Karabinoren ametsen mundua hitzez eta irudiz eskaintzen duena. | news |
argia-796c5b849f0b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/gure-industria-defendatu.html | Gure industria defendatu | Juan Mari Arregi | 2016-05-08 00:00:00 | Gure industria defendatu
Azkeneko hilabeteak erakusten ari dira ez dela egia egoera ekonomikoa hoberantz joan eta industria krisiaren tuneletik irteten ari denik, administrazio publikoak –Iñigo Urkulluk zuzentzen duena barne– hori haizatu nahi duen arren. Azken egunotan bi ekitaldi garrantzitsu izan ditugu: euskal sindikatuek Bilbon deituriko manifestazioa eta Maiatzaren Lehena. Bi kasuetan langile klaseak eta herritarrek egungo egoera salatu dute eta eskatu dute gure industria defendatzeko, garai berrietara egokitutako politiken bidez. Desindustrializazioak gehien zigortutako eskualdeetako langileek (Ezkerraldea, Oarsoaldea, Aiara, Sakana...) hartu dute parte manifestazioetan. Datu estatistiko bat: 2007tik 2013ra euskal industriak 75.000 lanpostu galdu ditu, eta 2013tik hona beste milaka batzuk izan dira.
Herri batek ez du etorkizunik industriarik gabe. Gure industria defendatzeko, soinean dituen egiturazko arazoak aztertu behar dira, soilik horrela aurkituko baititugu irtenbideak: dibertsifikazio falta, multinazionalekiko menpekotasuna, sektore tradizionalen gehiegizko pisua, finantziazio falta, jabetzaren eta produkzio zentroen deslokalizazioa, eta gakoak diren alorretan botere publikoen parte-hartze eskasa.
Administrazioek eta aurrezki kutxek euren partaidetzak saldu dituzte enplegu-sustatzaile diren hainbat enpresatan, Arcelor kasu, eta hori ez da gure industria defendatzea. Euren etorkizuna multinazionalen esku uztea da hori. Orain kexu gara enpresen jabetza eta erabakiguneak deslokalizatzen ari direlako, eta hori ez da gertatzen ari soilik altzairuaren munduan. Gure industria defendatzeko alferrik da propaganda egin eta Confebasken bozeramaile izatea. | news |
argia-806e556cc638 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/hizkuntzan-ere-kirol-hezitzaileak-haurren-eredu.html | Hizkuntzan ere, kirol hezitzaileak haurren eredu | Malen Aldalur | 2016-05-08 00:00:00 | Hizkuntzan ere, kirol hezitzaileak haurren eredu
Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko? Galdera horien bueltan antolatu zituzten apirilaren 21 eta 22an Udaleko Euskara Zerbitzuen Topaketak Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Hezkuntza arautuan euskarari garrantzia ematen zaion modu berean hezkuntza ez arautuan ere euskara sustatzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, bereziki kirolak gazteen aisialdiko denbora zati handia okupatzen duela aintzat hartuta, euskaraz egiteko aukera bermatu beharra dago.
Horretarako hainbat jarraibide eman dituzte topaketetan, eta datozen lerroetan hiru adibide jaso ditugu: Burlatako Futbol Eskola, Irungo kirol eskola eta Arabako Foru Aldundiak aisialdia euskaraz sustatzeko egindako gida.
Burlatan, futbola euskaraz
Burlatan (Nafarroa), Burlatako Futbol Eskola sortu zuten hainbat gurasok 2009. urtean, kirola eta euskara eskutik helduta. Sortzaileek eta sustatzaileek azaldu dutenez orain arte Burlatan, eta Nafarroan orokorrean, euskarari lotutako politikak oso erasokorrak izan dira. Zailtasun ugari aurkitu dituzte bidean, baina gaur egun umeek euskaraz eta euskal giroan gozatzen dute futbolaz.
"Burlatan, kirol bakoitzak bere kasa funtzionatzen du eta kirol patronatua da guztia koordinatzeaz arduratzen dena", lehen ez zegoen aukerarik kirola euskaraz egiteko, eta egoera horren aurrean futbola euskaraz praktikatu ahal izateko borroka abiatu zuten 2004an; bost urteren ondoren lortu zuten azkenean Burlata Futbol Eskola. Ez da noski, herriko futbol talde bakarra. Aurretik ere bazegoen Burlades Futbol taldea herrian, zeinak gaztelania hutsean funtzionatzen duen. Bien arteko aldea nabarmena da: "Guk filosofia argia daukagu: Futbola euskaraz".
Kirola euskaraz egiteko erabiltzen duten estrategiari dagokionean Burlata Futbol Eskolakoak bat datoz Larrañagarekin: "Umeak eroso sentitzea nahi dugu, ez dizkiegu gaizki esanak zuzentzen. Umeak eroso eta gustura sentitu behar du; helburua eremua babestea da", azaldu dute.
Horrelako ekimen bat sortzeak denen parte-hartzea eskatzen du: hasieran ez zituzten diru laguntzak jasotzen, eta kirola euskaraz egin ahal izateko gehiago ordaindu behar izatea bidezkoa ez zela ondorioztatuta, beste leku batzuetatik lortu behar izaten zuten finantzazioa. Gaur egun, umeez gain, gurasoek, udalak, herriko komertzioek… ere laguntzen dute Burlatako Futbol Eskolak aurrera jarrai dezan: "Partaidetza nabarmena da partidetan, guraso asko aritzen dira laguntzen, taberna ere jartzen dugu, eta euskal musika bozgorailuetatik; oso giro polita sortzen da".
Orain, Burlatako kirol patronatuaren baitan dago futbola euskaraz egiteko aukera, eta azaldu dutenez, harreman ona daukate gainerako kirol taldeekin. Horrez gain, Nafarroan euskaraz aritzen diren gainerako futbol taldeekin topaketak egiten dituzte; "umeak elkarren artean sozializatu eta euren arteko harremanak euskaraz sortzeko".
Irunen 35 kirol hezitzaile
Irunen ahalegin berezia egin dute eskola kirola euskalduntzeko. Udaleko eta BPXport enpresako zenbait arduradunek azaldu zuten proiektua.
Duela 11 urte Irunen ume gehienek gaztelaniaz hitz egiten zuten kirola egiten zutenean. Pazientziarekin eta denborarekin euskaraz aritzea lortu dutela azaldu dute. Horretarako, begiraleen formakuntzan eta profesionalizazioan egin dute apustua. "Begiraleak eta gurasoak erreferentzia dira umeentzat eta berebiziko garrantzia du horiek zein hizkuntzatan hitz egiten duten". Begirale lanetan arituko direnak denbora gehiagoz eta formakuntza hobearekin aritzeko lanpostu publikoak sortu zituzten: gaur egun 35 kirol hezitzaile ari dira lanean. Euskararen erabileran eragin eta hezitzailea izan nahi duen programa osatzea da helburua.
Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, azken urteetako datuetan ikus daitekeenez euskararen erabilerak nabarmen egin du hobera, nahiz eta oraindik hainbat arlotan hobetu beharra nabaritu duten. Epaileak eta boluntarioak kirol eskolaz kanpokoak direnez, ezin dute oraindik haien gutxieneko euskara maila ziurtatu. Bestalde, eskola kirolean neska gutxi ari dela ohartu dira eta egoerari buelta emateko beharra aitortu dute.
Hainbat gako azpimarragarri aipatu dituzte, beraz, kirola eta orokorrean aisialdia euskaraz egiteko: euskara jarduera eta sentipen positiboekin lotzeko ahalegina egin –saihestu zuzentzea–, euskarari buruz gutxiago eta euskaraz gehiago hitz egin, eta begiraleen eta hezitzaileen profesionalizazioa bultzatu. | news |
argia-10511f9f832d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2506/kutsadura-taj-mahal-horitzen-ari-da.html | Kutsadura Taj Mahal horitzen ari da | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-05-08 00:00:00 | Kutsadura Taj Mahal horitzen ari da
Urteak dira Taj Mahaleko marmol zuria horitzen ari dela, aldian-aldian tratamendu berezia ematen dioten arren; mausoleo ezagunaren azala ezin da urez garbitu eta peeling moduko bat egiten diote, buztin geruzak ipiniz eta kenduz. Georgiako Teknologia Institutuko Mike Berginek horitzearen jatorria ikertzea erabaki zuen eta marmola uretan disolba ezin daitezkeen karbono partikula oso txikiek zikintzen dutela ondorioztatu du. Partikula horiek argi ultramorea xurgatzen dute eta horregatik hartzen du kolore hori-marroia. Environmental Science & Technology aldizkarian argitaratu denez, kutsadura Taj Mahalen distira eta, larriago dena, Agrako biztanleen osasuna arriskuan jartzen ari da. | news |
argia-10b46d75a771 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/zorraren-auditoretza.html | Kontrol publikoa eta herritarren ahalduntzea Madrilen | Sara Arruabarrena Azkarate | 2016-12-25 00:00:00 | Kontrol publikoa eta herritarren ahalduntzea Madrilen
Urtebete da Madrilen zorraren eta politika publikoen inguruko auditoretzak egiten hasi zirela. Bi bide independente dituzte: Madrilgo Udalak adituen batzorde bat jarri du martxan, azken hamarkadako kudeaketa ikuskatzeko. Eta herritarren lantaldeak sortu dira hiri barrutietan, PACD Zorraren Herri Auditoretzarako Plataformak sustatuta.
2015eko maiatzean Ahora Madrid herri hautagaitza Madrilgo Udal gobernura iritsi zen PSOEren babesarekin, han 24 urte zeramatzan PPren agintaldiari amaiera emanez. Hauteskunde kanpainan programa parte-hartzailea jarri zuen abian Manuela Carmenaren taldeak eta herri auditoretza izan zen babes gehien jaso zuen proposamenetako bat. Zorraren eta Politika Publikoen Auditoretzaren Zuzendariordetza Nagusia sortu zuen Udalera iritsi zenean. 2016ko maiatzean, Zorraren eta Politika Publikoen Herri Auditoretzaren Aholkularitza Batzordea osatu zen.
Bederatzi adituk osatzen dute batzordea eta Complutense unibertsitatean Ekonomia Aplikatuko irakasle den Bibiana Medialdea da koordinatzailea: "Giroan dago herri auditoretzaren aldarrikapena. Udal gobernuak herritarren eskaerari jarraituz sortu ditu auditoretzarako organoak, nahiz eta gu egiten ari garenaren antzeko adibide gutxi dauden, baita nazioartean ere". Medialdea Udaleko Ekonomia sailak kontratatu du, epe-mugarik gabe, baina batzordeko gainontzeko kideen lana borondatezkoa da.
Udalaren osoko bilkuran onartu zen auditoretza egitea, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin. "Zorraren eta politika publikoen herri udal auditoretza deitzen diogu, nahiz eta kontraesankorra dirudien: udal auditoretza da, Udala delako egiten ari dena. Are gehiago, herritarrek parte-hartu nahi ez balute, auditoretza egiteko ardura izaten jarraituko luke Udalak. Baina ez zaigu zorra bakarrik interesatzen, herritarrengan eragin nabarmena izan duten udal interbentzioak ere aztertzen ari gara".
2003tik 2015era bitartean Madrilgo udal gobernuen kudeaketa nolakoa izan den azaleratzeko beharrezkoak diren txostenak nori eta zertarako eskatuko zaizkien erabakitzen du Aholkularitza Batzordeak: "Auditoretza herritarrek duten bokazio demokratiko, sakon eta erradikal batekin loturik doa, gertatzen ari denaren berri izateko nahiarekin. Kontzeptu zabaltzat dugu guk: herritarrengan eragin negatiboa izan duten zantzuak dituzten udal politika eta esku-hartzeak aztertzen ari gara, den-denak, zorra ez ezik, enpleguan eta zerga bilketan eragina izan duten politikak ikuskatzen ari gara, baita gizarte-bazterketan, genero desberdintasunean eta ingurumenean eragina izan dutenak ere".
Ondorioak argitaratzeko asko falta da eta zuhur azaldu da Medialdea ikerketak azaleratu dezakeen zorraren legitimotasunaren inguruan: "Zorra legitimoa den ala ez esatea zerbait morala eta politikoa da. Hori herritarrek egin behar dute, euren eskubidea da. Adituen batzorde batek ezin du ondorioztatu zorra legez kanpokoa dela, ezta Udalak ere".
Alfredo Sánchez (PACD):
"Guk ez dugu nahi auditoretza herritarra izatea erreferenduma egon delako, prozesuan herritarrak ahaldundu direlako baizik"
Madrilgo Udalak duen zorra handia da –5.000 milioi eurokoa 2016ko maiatzean; 871 milioi amortizatu dira dagoeneko udal gobernu berriarekin– baina ez da izan auditoretza egiteko arrazoi nagusia. Medialdeak garbi utzi du Udala ez dagoela zorraren krisi batean murgildurik, ordainketei aurre egiteko gai delako. "Hala ere, Udalak baliabideak nola kudeatu dituen aztertuko bagenu, ikusiko genuke ez direla errespetatu irizpide etiko eta politikoak, ezta giza eskubideak ere".
Herritarrek egindako auditoretza
"Madrilgo udal gobernuko hainbat sailetan beldurra dutela dirudi, auditoretzak herritarren parte-hartze handia izango duen ikusteke dagoelako. Zorraren zati batek legitimotasunik ez duela onartzen bada, zor hori ez ordaintzeko aukera dago. Udala egiten ari denari ez nioke herri auditoretza deituko, herritarrek ez baitute parte hartu, orain arte behintzat. Guk ez dugu nahi auditoretza herritarra izatea erreferenduma egon delako, prozesuan herritarrak ahaldundu direlako baizik". Alfredo Sánchez PACD Zorraren Herri Auditoretzarako Plataformako kidea da. Ahora Madrid Udalera iritsi eta hilabetera aurkeztu zioten auditoretzarako proposamena Ekonomia Sailari, eta hainbat puntu aintzat hartu dituzten arren –adituen batzordea sortzea eta finantza kontuak soilik kontuan ez izatea– herritarren parte-hartzea alde batera utzi eta Udalak alor teknikoa soilik landuko duela uste dute. Horregatik, Madrilgo hiri barrutietan auditoretzak sustatzen ari dira.
Udalari aurkeztutako metodologia berrantolatu dute eta Useran eta Arganzuelan sortu diren auditoretzarako lantaldeei babesa eskaintzen die PACDek –helburua auditoretza prozesua Madrilgo beste hemeretzi hiri barrutietara zabaltzea da–. Lantaldeetako kide gehienak bertako bizilagunak dira eta autonomia osoz aritzen dira; plataformak luzaturiko lan metodologia nola erabili euren kabuz erabakitzen dute.
"Saiatu gara prozesua sinplifikatzen, ahalik eta jende gehienak parte-hartu dezan. Egia da komenigarria dela kontabilitateaz edo aurrekontuez zerbait dakien norbait izatea, baina bizilagunek dute garrantzi gehien, dirua zertan gastatzen den ikusten dutelako. Useran, kultur etxeen kudeaketa auditatzen hasi dira eta begiratzen dute zein ikastaro eskaintzen den, zeini egiten dion mesede… Hori jendeak ikusi egiten du, ez da aditua izan behar". Garbiketa zerbitzuaren kontratuak ere hasi dira auditatzen.
"Hitzaldi txiki batez bizilagunei auditoretza zer den azaltzen diegu, jakin dezaten ez dela soilik zati ekonomikoa ikuskatzea. Ondoren, fitxa batzuk eskaintzen dizkiegu, esan dezaten auzoan egindako zein inbertsiok biltzen dituen ez-legitimo izateko zantzuak. Adibidez, Useran, Caja Mágica auditatzen hasi dira. Madrilen antolatu nahi zituzten Olinpiar Jokoetarako eraiki zen, eta orain hutsik dago, Madrilgo Open Tenisa soilik antolatzen da bertan, urtean bi astez. Azken urtean enpresa pribatu bat azpikontratatu da eta ordaindu egin behar da zerbitzuarengatik. Bestalde, Arganzuelan fruta eta barazkien azokaren kudeaketa auditatzen hasi dira. Eraikina hutsik dago eta 200.000 eurotik gorako gastua izan du 2007tik hona".
Asanbladan erabakitzen dute bizilagunek zein kasu auditatuko duten, ezin baitute dena landu –Userako lantaldea hamar kidek osatzen dute, gutxi gorabehera; antzeko zerbait Arganzuelan–. Hurrengo pausoa Udalari informazioa eskatzea da, Gardentasun Atariaren bidez. Hain justu, zerbitzu horren eraginkortasun falta da aurrera egiteko oztopo nagusia, bizilagunek datuak eskuratzeko asko itxaron behar baitute eta askotan informazioa ez baita egokia izaten.
Behin informazioa lortuta, aztertutakoa legitimoa den ala ez erabakitzen dute herritarrek. PACDek hainbat irizpide ezarri ditu: aurreikusitako gastu kopurua ehuneko handi batean gainditzen duten proiektuak ilegitimotzat jo daitezke haien esanetan, baita garraio publikoa beharrean autoaren erabilera sustatzen duten proiektuak edo enpresa batek emakume eta gizonen arteko desberdintasunak areagotzen dituenean. ere Edonola, lantaldeek badituzte haiek ezarritako irizpideak.
Auditaturiko gai bakoitzaren ondorioak aterata –Madrid Audita Madrid webgunean dago bildutako informazioa–, hiri barrutiaren txosten orokorra osatu nahi dute lantaldeek. Halaber, egindako lana Udalak egindakoarekin elkartu nahi dute, haiek ere emaitzak argitaratzeko. Emaitzen gaineko erreferenduma baino, helburua gaiaren inguruan kontzientziatzea dela dio Sánchezek, "herritarrek jakin dezaten aurrekontua guztion erantzukizuna dela eta ez gutxi batzuek kudeatzen dituzten kontuak". | news |
argia-6adb08b8b673 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/asier-lafuente-agurainen-75-ordu-euskaraz.html | "Bestelako elkarbizitza nahi badugu, erdaldunei funtzio bat eman behar zaie" | Onintza Irureta Azkune | 2016-12-25 00:00:00 | "Bestelako elkarbizitza nahi badugu, erdaldunei funtzio bat eman behar zaie"
Aguraindarrek bazuten haien 15 ordu euskaraz jaia, baina aurten beste zerbait egitea pentsatu dute. Ez dute jairik egin, azaroaren 8tik 11ra, astegun buruzuriz, egunerokoan, euskaraz egiten saiatu dira. Euskaldunak aktibatu dituzte, erdaldunei egoera berrira egokitzeko azalpenak eman dizkiete, eta erdi lokartuta zegoen herriko euskalgintza piztu da. Asier Lafuente 75 ordu euskaraz ekimeneko kidea elkarrizketatu dugu.
Zergatik egin duzue 75 ordu euskaraz egitasmoa?
Inertzia bat apurtzeko. Otsailaren 23an elkartu ginen, bi urtean behin jai-aldarrikapen moduko bat egiten delako Agurainen, 15 ordu euskaraz . Betiko formatuko jaia da, egun osoko egitaraua, bazkaria kalean, eta abar. Otsailean elkartu ginenean esan genuen zerbait gehiago behar genuela herrian, ondorio bat utziko zuen zerbait.
2015ean Lutxo Egiak egindako performancea aipatu genuen, baita Donostiako Egia auzoan ere egiten ari zirena. Hori proposatu genuen bilera horretan eta hurrengo bilerara proposamen zehatzagoa eraman genuen. Zalantza egiten genuen, zenbat izan gintezkeen hizkuntza jokaera harekin Agurainen hainbat egunez? Bileran hogei lagun geunden eta hasi ginen kalkulatzen: bakoitzak bost lortzen baditu ehun izan gaitezke. Konbentzimendu osoz, baina zalantza askorekin abiatu ginen.
Zein zen helburua?
Euskara beharrezkoa egitea, eta horretarako euskaldunak ahaldundu eta aktibatu behar ziren, ohitura linguistikoak aldatu. Baina ohiturak ez dira aldatzen momentu batetik bestera, horregatik sei hilabeteko epea ipini genuen, azaroan egiteko. Lau egun, asteartetik ostiralera, jai egunik ez, lortu nahi genuen esparrua egunerokoa zen.
Nahiz eta helburua ez ziren erdaldunak, Agurain herri erdalduna da eta beharrezkoa ikusten genuen herria prestatzea, erdaldunak egokitzeko egoerak lortzea. Kolektibo, establezimendu eta erakundeen bitartez lortu nahi genuen adostasun sozial hori.
Bi kanpaina egin genituen, bata, Nik 75 eta 283 konpromiso lortu genituen. Horiek lau egunetan edonon eta edonorekin euskaraz egin dute. Beste kanpaina Guk 75 izan zen. Bisitak egin genizkien erakunde, establezimendu eta kolektiboei eta konpromiso batzuk eskatu genizkien. Dendari eta tabernariei adibidez, eskatu genien elkarrizketa elebidunak izatea, eskatu genien euskaraz egiten zietenei ulertzen saiatzea, ez esatea erdarara pasatzeko. Euskararen alde egotea besteari euskaraz hitz egiteko aukera ematea da.
Mezu urratzailea dela diozu.
Gu konbentzituta gaude bestelako elkarbizitza nahi badugu Euskal Herrian erdaldunei funtzio bat eman behar zaiela eta euskararen alde egotea ez da nahikoa. Ez du balio esateak "ez dakit euskaraz eta erdaraz egitea eskatzen dizut".
Errealitatea da kolektiboek, establezimenduek… oso ondo hartu dutela eta lortu dugula adostasun sozial bat. Hitz potolo horiek, Eusko Jaurlaritzak berak ere erabiltzen ditu, baina zertan gauzatzen da? Gure ustez horretan gauzatu behar da, erdaldunen jokaeretan, euskaraz bagoaz haiengana ez diezagutela eskatu erdarara pasatzea.
Parte-hartzaileen artean galdeketa egin duzue. Zer erantzun dute?
Kokatzeko esan dezagun Agurainek 5.000 biztanle dituela, 17 urtetik gorakoak 3.600. 17 urtetik gorako euskaldunak 800. Kanpainan euskaldun aktibo izan dira 283. Beraz, 500 inguru euskaldun pasibo ditugu herrian. 283 sinatzaileetatik 201 lagunek erantzun dute galdeketa. Lehenengo galdera zen ea normalean baino ahalegin handiagoa egin duten euskara erabiltzeko. %86k esan du baietz. Gero galdetu diegu ea herrian antzeman duten beste euskaldunen aktibazioa eta %65ak esan du baietz. Beste galdera bat zen ea non irabazi dituzten euskarazko harreman berriak. Horrela erantzun dute: dendari, tabernari edo erakundeekin %51k; ezagunekin %34k; kuadrillakoekin %22k; etxekoekin %17k; ezezagunekin %17k; lankideekin %9k; eta %19k ez du harremanik irabazi.
Nabarmentzekoa da dendari eta erakundeekin eman diren harreman berrien ehunekoa. Guk batez ere eremu horretan egin dugu lan. Ikasi duguna da antolakuntzatik arlo bat lantzen baldin bada harreman berriak sortzen direla.
Hurrengo galderan nolako ahalegina egin duten galdetu diegu. Sei hilabetez portaera berri batzuk proposatu dizkiegu eta jakin nahi genuen zeintzuk erabili dituzten. Erantzunak ikusita konturatu gara badaudela bi aktibazio maila. "Lehen hitza euskaraz" portaera %80k erabili du, baina beste portaera guztietan %20 inguruan gabiltza. Adibidez, "guztiekin euskaraz egin dut" %20; "erdaraz erantzuten bazidaten nik euskaraz jarraitzen nuen" %26; "nahiz eta euskaraz ez ulertu saiatu naiz keinu bidez adierazten" %20; "euskaraz egitea adostu dugu" %24.
Azken galderaren erantzuna guretzat pozgarria izan zen. Galdetu genien ea prest zeuden jarraitzeko portaera berriekin. %87k erantzun du baietz. Guretzat lau egunotako helburuetako bat zen, portaera berriak zabaldu ahal izateko jendea ahalduntzea, gero horri jarraipena emateko.
Egitasmoa antolatzeko talde heterogeneoa elkartu zarete.
Otsailaren 23an kolektiboetako ordezkariak etorri ziren jai bat antolatzeko asmoz. Baina bilera hartan nola beste egitasmo bat proposatu zen, norbanakoak elkartuta abiatu ginen. Agurainen Olbea euskara elkartea dago, eta nahiz eta 75 ordu euskaraz taldean horko batzuek parte hartu, ez dugu funtzionatu Olbea euskara elkarte bezala. Ekimenak herriko euskalgintza aktibatzeko balio izan du. Ez geunden oso aktibo.
Bigarren pauso bat eman behar badugu, erabaki behar dugu nola funtzionatuko dugun; Olbea bezala, horrek ekartzen duen militantziaren konpromisoarekin edo ea aurkitzen dugun halako formula bat zibismoarekin gehiago lotuta dagoena. Jendeak ez du lotu nahi bizitza osorako egitasmo batera. Harritu ginen zenbat jende hurbildu zen halako gauza bat proposatuta. Aurrera begira ere formula egokia izan daiteke: egitasmoak hasiera eta bukaera dauzka, jendea aldatzen joan daiteke.
Euskaldunei ez ezik erakunde publikoei ere dei egiten diezue.
Kontziente gara egin dugunarekin erantzukizun guztia euskaldunengan, euskaldun aktiboengan, ipini dugula. Haiei eskatu diegu urratzaileak izatea, motorra izatea, beharra sortzea. Uste dugu orain erakundeei eskatu behar diegula sortu den egoera berri horri, elkarbizitza berri horri, eustea. Giza eta ekonomia baliabideak ipini behar dituzte. Hasi gara alderdi politikoekin elkartzen, EAJrekin eta EH Bildurekin. Balorazioa transmititu nahi diegu, baliabide gehiago eta politika ausartagoak egiteko eskatu nahi diegu. Erakundeak busti behar dira.
Udala eta aldundia, haiek ere hasi behar dira pedagogia soziala egiten. Guk egin dugu, gomendioak etengabe eman ditugu euskaldunak aktibatzeko eta erdaldunak egokitu ahal izateko. Momentu honetan instituzioek ez dute egiten, pedagogia asko egiten dute beste arlotan, ekologian, generoan, kontsumoan, trafikoan, baina hizkuntza ohituretan ez. Hor ere hasi behar dute. | news |
argia-07633019b7bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/sentikorrak.html | Sentikorrak | Inma Errea | 2016-12-25 00:00:00 | Sentikorrak
Wikipediak dioenez, sentimentalismoa mugimendu literario eta filosofiko bat izan zen –Gotthold Ephraim Lessing idazle alemaniarrak Empfindsamkeit deitua–, eta sentimentalismo erlijiosoa eta morala ere ekarri zituen berekin. XVIII. mendearen bukaeran sortu zen, mende bat lehenago abiatua zen Argien Garaiko arrazionalismoari aurka eginda.
Sentimentalismoak Erromantizismoari ireki zion atea, eta, mugimendu sentimentalistaren parte izan ziren sortzaile ugariez gain (Samuel Richardson, Sophie dela Roche, Edward Young…), haren eraginpean ere aritu ziren Jean-Jacques Rousseau eta Johann Wolfgang von Goethe.
Segur aski, sentimentalismoa beharrezkoa izan zen gehiegizko arrazionalismoari aurre egiteko, eta gogoratzeko gure emozioak eta sentipenak ere kontuan hartu behar ditugula, animalia arrazional hutsak ez garen heinean.
Baina sentimentalismoak baditu arriskuak, neurriz kanpokoa bada.
Herritarrok sentimentalismo azukretsuaren pean
biziko ez bagina, erneago ibiliko ginateke, ongintzako erakunde eta antolamenduak sobran leudeke
Mugimendu filosofiko gisara aspaldi desagertu zen arren, sentimentalismoak iraun badirauelako. Areago, sentimentalismoa, sentipenak eta emozioak pentsamendu arrazionalen gainetik jartzen dituen aldetik, nagusi da orain jendarte eta botere egitura mendebaldarretan.
Gehiegizko sentimentalismoaren isla dira telebistako iragarki hipergluzemikoak, ekimen solidario onkeriazale asko, Eguberrian bereziki, baina ez solik (eta elkartasun masifikaturako dei zuriak, non maiz ahalegin "txiki" bat eskatzen edo irakoditzen) baitigute herritarroi hala enpresa irabazi-asmodunek nola irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta gobernuek beraiek, zertarako eta asetzeko berez herritarron zergen bidez bete beharko lituzketen beharrak (gizakien behar oinarrizkoenak, jana, aterpea, osasuna, hezkuntza eta halakoak) edo jendarte aurreratuek berezko omen dituzten beste egiteko batzuk (osasun ikerkuntza edota aberastasunen partiketa zuzen eta bidezkoa, kasu).
Giza izaeran doakigu solidarioak izatea, estu lotuta sentitzea kidekoekin eta unibertsoko izaki bizidun guztiekin. Ebidentzia horri eutsita formulatu zituen sentimentalismo filosofikoak gizakion betebehar etikoak.
Orain kapitalismoak gizakion egiazko sentipenak eta jatorrizko joerak manipulatu, eta hain zuzenak ez diren gauzak sinetsarazi nahi dizkigu, sentimenduak bezain gizatiarrak diren zentzuduntasun eta logika ororen gainetik. Herritarrok sentimentalismo azukretsuaren pean biziko ez bagina, erneago ibiliko ginateke, eta aberatsenei ez genieke utziko hain erraz ihes egiten haien irabazietatik behar dutena jendartearen beharrak asetzera bideratzeko haiek ere duten eginbeharrari. Eta sobera egongo lirateke ongintzako erakunde eta antolamenduak. | news |
argia-ba9d8b4ceb52 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/udazkenik-gabeko-udaberria.html | Udazkenik gabeko udaberria | Amaia Serrano Mariezkurrena | 2016-12-25 00:00:00 | Udazkenik gabeko udaberria
Durangoko Azoka iragana den honetan, Durangori begiratzeko beste modu bat eskaintzen digu Udaberririk ankerrena (2011) komikiak. Bi-biek kultur mailatik egiten diote ekarpena (euskal) herriari, baina bigarrenak haren historia iluna dakar argitara.
Gernikaren bonbardaketak hainbat adierazpen artistikoren bidez hartu dituen esanahi lokal zein globalen ostean, suntsituak izan ziren gainerako herri euskaldunek bere espazioa galdegiten dute. Zentzu horretan, obra honek "komiki historiko" izateko ezaugarriak betetzen ditu: istorioa bera eratu aurretiko dokumentazio-lan baten emaitza izatea (fikzioa gailentzen den arren), irakurlea testuinguru egokian kokatzeko Durango 1936 Kultur Elkarteak egindako aitzinsolas historikoa, oinarri faktikoa duten gertaeren/pertsonaien agerpena, lekukotza bat emateko nahia, genero literarioen eta diziplinen arteko mugak apurtzea, eta abar. Horrez gain, halako lanetan saihestea zaila izaten den manikeismotik urruntzeko ahalegina ere ikusten da, eta eginkizun horretan agertzen zaizkigu emakumezkoak: ez soilik narratzailea den Mari, zeinak narrazioa lehen pertsonatik kontatzen digun, baita izeko Dolores ere, zeinaren onberatasunak etxean faxisten aldeko apaiz bat ezkutatzera daraman.
Historia ezaguna da, alde horretatik badakigu zer espero dezakegun eta, egiari zor, iragan hurbila ezagutzen duenari bilbea bakunegi gerta dakioke. Dena den, badira sorpresak ere, kontrasteak eta bidaiak (literalak zein metaforikoak), kontaketa aberasten dutenak. Irakurleak Udaberririk ankerrena komikian aurkituko du musika alaia gerra betean, zahartzaroa eta haurtzaroa elkarren eskutik, gorrotoa eta maitasuna elkarri begira, zentzugabekeria eta arrazionaltasuna bata besteari tiraka. Paradoxek, gainera, elkartu egiten dituzte historiako ibilbide ezberdinak: aitona Eleuteriok Kubako Independentzia Gerran espainiar armada kolonialean parte hartu zuen (haren lotsagarri), eta Martin bilobak Habana itsasontzia izango du biziraupenerako ihesbide.
Gerraren eromena ere presente da, nagusiki Don Fernandorengan pertsonifikaturik. Orobat ageri da kaosa, noiz eta aitona errepublikazalea, erreketeengandik ihesi doala, Intxortako gudari batek hiltzen duen. Heriotza horrek egoeraren gordintasuna eta krudeltasuna areagotzen ditu.
Testuaren eta irudien arteko harmonia handia da. Horrek ez du eragozten, edonola ere, une batzuetan bata ala bestea gailentzea, bilatzen den erantzunaren arabera. Mutua da bonbardaketaren unea bera, baina irakurleari iltzaturik geratzen zaizkio hegazkinen eta bonben durundia. Aldiz, bada jolas narratiborik ere, Marik eta aitonak berriz elkar aurkitzen dutenean askatzen dena, esaterako.
Horrenbestez, gure historiaren zati batera gerturatzeko proposamen interesgarria da komiki hau, batez ere (formatuari eta istorioari begira) belaunaldi berrientzat. | news |
argia-cf4cdd518f63 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/klasikoaren-edertasun-lasaia.html | Klasikoaren edertasun lasaia | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-12-25 00:00:00 | Klasikoaren edertasun lasaia
Azkenaldi honetan ohikoak dira apostu apurtzaileak, klasikoen bertsio berrituak, modernitatea nonahi, baina aitortu behar dugu berrikuntza ahaltsu horien artean bake psikologiko estilistikoa behar dugula noizean behin, eta holako momentu terapeutikoa bilatu genuen Ballet Nazional Errusiarraren emanaldian.
Titulu klasiko bat, Léon Minkusen La Bayadère , Marius Petipa handiaren koreografia eta XIX. mendearen mise en scène hiperklasikoa nahikoak izan ziren saio dotore eta lasaigarria burutzeko. Oso gustagarria.
Egia da Sergey Radchenkok zuzentzen duen talde hau ez dagoela bere une onenean, nabariak dira gabezi ekonomikoak (jantzietan, dekoratuetan, eta abar), baina horren guztiaren gainetik benetako balletaren magia inguruan eta airean zebilen, obrak irauten duen ordu eta erdi horretan giro erromantiko, dekadente eta polit horretan murgiltzeko parada izan genuen, aspaldiko bainuetxe batean egongo bagina bezala. Nahikoa, ikuskizun hau gomendatzeko.
1877. urtean estreinatutako obra eder honek denetik dauka erakargarri izateko. Amodioa, pasioa, heriotza, justizia, etika miresgarria… dena aurki dezakegu. Bestalde, Marius Petiparen koreografia elegantea oso ondo egokitu zen istorio exotiko honetara, XIX. mendeko India inperialean kokatua.
Ballet Nazional Errusiarraren dantzariek, teknikoki oso trebeak, dantza adierazkorra eskaini zuten, mistikoa esango nuke, oso aproposa entzuleak beste garai batera eramateko. Esan bezala, terapeutikoa. | news |
argia-8a147d93b890 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/amerikako-lehen-errepide-sarea.html | Amerikako lehen errepide sarea | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-12-25 00:00:00 | Amerikako lehen errepide sarea
Cuenca Mirador proiektu arkeologikoko ikerlariek Amerikako lehen errepide sarea maiek eraiki zutela jakin berri dute. Baina lan arkeologikoak ez du oraingoan indusketarik eskatu. LIDAR izeneko gailu bat erabili dute horretarako, laserra baliatzen duen radar modukoa.
Horren bidez, Petén oihanean (Guatemala) dagoen Mirador aztarnategia arakatu dute, guztira 700 kilometro koadroko azalera. Orain arte ezagutu gabeko hainbat eraikinen arrastoak aurkitu dituzte miaketan, baina aurkikuntza nagusia 240 kilometrotik gorako errepide sarea izan da. Errepideak K.a. lehen milurtekoak dira, maien inperio aurreklasikoaren gainbehera (K.a. 150) baino lehenagokoak. | news |
argia-7e6551d60b57 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/francoren-bilobari-gutuna.html | Francoren bilobari gutuna | Oihana Etxebarrieta | 2016-12-25 00:00:00 | Francoren bilobari gutuna
Berriki, Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusi dut. Ez dakit ezaguna egingo ote zaizun. Zu ageri zara bertan, zeharka askotan, baina hor zaude, ezin duzu ihes egin. Guk ere ezin dugu ihes egin, gu geu ere bagarelako historia hori.
Hunkigarria da bertan kontatzen dena, lasai, ez dizut spoilerrik egingo. Soilik esango dizut ospitale batean gertatzen dela dena. Bertan bildutakoek iragan gordina daukate, bakoitzak berea, baina askotan besteenarekin elkarlotzen dena. Eta elkarlotura horretan, hitz gutxirekin, asko esatea lortu dute antzezleek, gaurdaino haien mamuak ekarri dizkigute, eta ez dakit aretoan zeuden besteen atzetik dauden, baina nik mamu horiek nirekin sentitzen ditut oraindik. Mamu horiek zurekin dute zerikusia, zure familiarekin, zure iraganarekin eta orainaldiarekin ere.
Horregatik idazten dizut gutun hau. Mamuak askatu behar ditugu, lur eman behar diegu, mamuekin bizi direnei bakea eman behar diegu, eta zure egitekoa horretan handia da. Ezin dizut gehiagorik esan, joan zaitez eta ea zerbait mugitzen zaizun. Emanaldiak franco.eus atarian topatuko dituzu. Eta ea zerbait mugitzen hasten garen! | news |
argia-5211a5d5b509 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/hizkuntza-eskubideak-bermatzeko-protokoloa-abian-da.html | Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abian da | Iosu Alberdi Atxurra | 2016-12-19 00:00:00 | Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abian da
Europako hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak bermatzeko sortu da Donostiako Protokoloa. Kursaal Jauregian egin dute honen aurkezpena. Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektuak 185 neurri ditu bere baitan.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hizkuntza eskubideak bermatzeko beharraren aurrean gizarte eragileek tresna eraginkorrak sortzeko gai direla azaldu du. "Parte hartzea izan da protokolo honen arrakastaren giltzarria, txikiak izan arren, guztiak batuta, bagarela nor erakutsi dugu", azaldu du. Bilbaoren ustez garrantzitsuena Europan hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna eraginkor bat dagoela da, orain Donostian ere abian jarri dutena.
Aurkezpen ekitaldian musika eta hitzartzeak tartekatu ziren. Aureli Argemí eta Maria do Pilar Garciak duela 20 urteko Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren prozesua gogoratu zuten, orain Donostian aurkezturiko protokoloaren aurrekari dela azpimarratuz.
Bi urteko lanaren ondorioz sortu da protokoloa. Donostia 2016ko kultur programaren zuzendari izan den Xabi Payak Europako Kultur Hiriburuen historian Donostiakoa "ondo" gogoratuko dela azaldu du, Europako identitateari hizkuntza aniztasunaren kudeaketa jasangarrian egindako ekarpenari esker. Protokoloa egiteko eragileek izaniko konpromisoa "eskertu" eta neurriak betetzeko konpromisoa ere "eskatu" du hitzaldian. Edwin Bensonen heriotza, mandan hizkuntzaren azken hiztunarena, izan du hizpide konpromisoaren beharra azpimarratzeko.
Europako sei erakundetako kideek osatutako Talde Antolatzaileak gidatu du protokoloaren sorrera eta bertako ordezkariek oroigarri bana jaso dituzte. Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin Fundazioko lehendakariak euskararen alde auzolanek, elkarlanek eta kolektiboek egin duten lana azpimarratu nahi izan du bere hitzartzean. "Ezina ekinez egina" esamoldearekin laburtu du proiektua.
Ekitaldi amaieran, Euskal Herriko eta Europako hamarnaka eragiletako ordezkariak oholtza gainera igo dira protokoloa eskuan argazkia ateratzeko. Mikel Laboaren "Txoria Txori" abestia kantatuz bukatu da. | news |
argia-c9b575aeceeb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/ibon-agudo-buruko-isuria-izan-zuen-2010ean.html | "Antzerkiak izugarri lagundu nau" | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2016-12-25 00:00:00 | "Antzerkiak izugarri lagundu nau"
"Gordetzen den oro galtzen da, usteltzen da, itzaltzen da. Ematen den oro hazten da". Mikel Markez abeslariaren hitzekin definitu du Ibon Agudok bere garapen pertsonala. Duela sei urte buruko isuria izan zuen Agudok. Gaur, gorputzaren kontrola hartuta, gaitasunak esploratzen eta esplotatzen dabil.
2010eko otsailaren 18a. Goizeko 8:45. Hala hasi du Agudok kontakizuna. "Seme-alabekin nengoen ikastolako autobusaren zain. Gaizki sentitzen hasi nintzen eta fuerte heldu nituen June eta Zuhaitzen eskuak. Ospitalean agertu nintzen ondoren. Zorionez ez dut tartekoa gogoratzen", azaldu digu. Bi ebakuntza egin zizkioten. Lehenengoan itsua geratu zela kontatu digu eta hori ere "zorionez" ez duela gogoratzen. Bigarrenarekin, ordea, bista osorik berreskuratu zuen ia, eskuineko begiaren izkina batean izan ezik.
Agudok bizitza normala egiten du. Ez du soldatapeko lanik, desgaitasuna dela-eta, "baina lan egiten dut", dio. Egunero etxeko lanez arduratzen da, baita seme-alabez ere. Laguntza ekonomikoa jasotzen du, baina proba bat pasa behar du bi urtean behin. "Gaizki zaudela demostratu behar izatea da zailena, zure buruari egunero mezu positiboak bidali nahi dizkiozunean", adierazi digu. Izan ere, iaz, laguntza ekonomikoa erdira murriztu nahi izan zioten, txostenean "laguntzarekin, baina lan egiteko gai" zela jaso zutelako: "Azterketa horretan galdera orokorrak egin zizkidaten; liburu batzuen egileak nortzuk ziren eta horrelakoak. Erantzunak banekizkien. Baina ezaugarri esanguratsuenetako bat ez zuten kontuan hartu, epilektikoa izatea alegia". Ebaluatzen duen medikuak osasun interesak izateaz gain ekonomikoak bilatzen dituela pentsatzen du: "Hori ulertu nuenetik beste jarrera batekin joaten naiz, zerbait defendatzera. Zaila da egia den zerbait defendatu behar izatea". Agudok epaitegira eraman zuen kasu bat; irabazi egin zuela kontatu digu.
Otsaileko egun hartan buruko zaina hautsi izana ez zen samurra izan, kontatu digunez. Idazten eta irakurtzen ikasi behar izan du berriro, kaleen noranzkoak ere bai... Baina urtetik urtera gauza gehiago egiteko gai dela azpimarratu du, eta hoberantz egitea badagoela nabarmendu: "Nire egoera berean dagoenak sinetsi dezala: hobetzen da". Gizarteari, orokorrean, beldurra galdu eta aurreiritziak alboratzeko eskatzen dio, bizkarrik ez emateko, berari inoiz egin dioten moduan: "Argi dut ez dudala zertan aritu beti hau kontatzen. Ezkutatu ez, baina azpimarratu ere ez".
Izan ere, Agudoren pertsonalitatearen ezaugarri nabarmenena ez da hori, sormena baizik. Duela hiru urte antzerkian hasi zen eta sozializatzeak eta aktore moduan aritzeak asko lagundu diola esan digu: "Jende aurrean jarri eta ikusezin izatetik denak begira izatera. Txalo zaparrada jasotzera. Eta ez penagatik, egindakoa gustuko izan dutelako baizik".
Antzerkirako bideak, joan eta etorriak eta bata eta bestearekin elkartzeak herriko saltsa guztietan nahastera bultzatu dute. Besteak beste, herriko zaharren egoitzan aritzen da astean behin euskara sustatzeko antzerki jarduerak dinamizatzen. Obra bat sortu zuten iaz, hainbat lekutan aurkeztu dutena. Agudok ideiak bota eta gidoiak egiten ditu, baita zuzendari lanak ere. Bestalde, gidoia eta pertsonaia bat landu ditu bere kabuz eta bakarrizketa bat sortu: Kupela Klown . Edozein lekutan antzezteko prest eta gogotsu azaldu digu, eta gonbitak jasotzeko "desiatzen" dagoela: "Sormenak eta irudimena lantzeak egiten nau zoriontsu. Errezeta berri bat asmatu, marraztu, umorea egin, idatzi, azaldu... Finean, norberaren koloreak ateratzea". | news |
argia-ef3e788443ac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/zero-zabor.html | Zero, zabor | Mikel Basabe | 2016-12-25 00:00:00 | Zero, zabor
Hezkuntza eta hizkuntzan EAJk eta PSE-EEk sinatu duzuen gobernu-ituna txarra da.
10. Helburu zehatzik ez daukazue: zein da ikasleek DBH amaitzean euskaran eta gaztelanian izan behar duten irteera-maila? B1? B2? Zein? Eta ingelesean? Horien parekoa, txikiagoa… Zein?
9. Irteera-maila zein den ez badakizue, zer bilatzen duzue ingeles gehiago sartzearekin? Helburu zehatzik ez baduzue, zergatik ordu bi gehiago, eta ez hogei minutu edo hogei ordu gehiago? Zergatik hamar urteko umeekin hasita, eta ez zortzikoekin?
8. Hizkuntza-planak egoera soziolinguistikoaren arabera egin behar ei dira. Ingelesaren hizkuntza-planak ere "gizarte-hizkuntza errealitatea kontuan hartuz [sic]" egingo ditugu, ala hori idaztean euskarari buruz baino ez zineten ari?
7. Zer esan gura du horrek? Ingurune erdaldunetan euskara gehiago irakatsiko dela eta ingurune euskaldunetan, berriz, gaztelania-ordu gehiago egingo direla? Alderantziz?
6. Eta irteera-maila? Ingelesean eta gaztelanian gaitasun bera eskatuko zaie EAEko ikasle guztiei, non bizi diren ere. Euskaraz ere bai? Euskaran ez? Helburu ezberdinak Lanestosan eta Elorrion? A! Egia! Irteera-mailarik ez duzue zehaztu!
5. Ea ondo ulertu dudan: irteera-mailarik zehaztu ez, ezta egoera soziolinguistikoak zer ekarriko duen ere. Nola segurtatuko duzue eredu eleanitz berriak balioko duela euskara nahikotasunez jakiteko? Nork ziurtatuko du? Hezkuntza Sailak atzera bota ahal izango ditu ikastetxeen hizkuntza-planak?
4. Nola, nork… eta noiz? Hamar-hamabost urte barru, kaltea eginda dagoenean, euskararik ez dakien gazte gehiago daukagunean?
3. Orain arte ez bezala, zein neurri zehatz hartuko duzue DBH amaitzean ikasle guztiek jakin ditzaten hizkuntza ofizial biak? (Alegia, legea bete dadin).
2. Gogorarazten dizuet euskaraz B1 maila onartzen diela Jaurlaritzak, DBH euskarazko ereduetan amaitutako ikasleei. Ingelesean beste hainbeste? Gehiago ez, seguru, ingelesez irakasteko nahikoa baita B2. Berdin, beraz, hizkuntza ofizialean eta atzerrikoan? Bientzat B1? Ez, ezta?
1. Orduan? Zein da ingeleseko helburua? A2? Eta horretarako ituneko berba-jario guztia? Ala euskarazkoa igoko duzue, ingelesekoa ere handitu ahal izateko? Eta zelan? Orain arteko bidetik ez behintzat.
0 biribila, zuentzat. Ez baitzarete ezjakinak, iruzurtiak baino: apropos utzi duzue helburua zehaztu barik: ezer agintzen ez diguzuenez, ezin dizuegu ezer eskatu.
– 1. Gobernu-itunaren beste atal batean hauxe irakurri dut: "Ondare Kulturalaren Euskal Legea onestea". Jaurlaritzaren Irekia webgunean Anteproyecto de Ley de Patrimonio Cultural eta Euskadiko Ondarearen Lege Aurreproiektua daude irakurgai. Bertsio bietatik, zein onetsiko duzue? Ez baitiote gauza bera. Aukeran, euskarazko bertsioa: herritarrontzat hobea da, nahiz eta bi-biak hobetzeko modukoak diren. Ala ingelesez idatziko diguzue baleko legea? | news |
argia-535b91c4a063 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/maddalen-iriarte-eh-bilduko-legebiltzarkidea.html | "EAJk bere estatutuetan erabakitzeko eskubidea idatzia badu, ezar dezala estatutu berrian ere" | Mikel Asurmendi | 2016-12-25 00:00:00 | "EAJk bere estatutuetan erabakitzeko eskubidea idatzia badu, ezar dezala estatutu berrian ere"
Donostia, 1963. Kazetaria iraganean, politikaria da orain. ETBn ilusio handiz lan egin zuen. Komunikazioa herrigintza balitz bezala landu duela esan digu Maddalen Iriartek eta telebista eredu berriaren alde ere tinko borrokatu duela. Kazetaritzako lehen lerroan iraun zuen luzez, lana ideologien gainean jarri zuelako: "Ideologiaz harago, talde lanean sinesten dut. Telebistan ez nuen kuadrilla egiteko jardun, eta Eusko Legebiltzarrera etorri naiz kuadrillakeriaz harantz joateko". EH Bilduko eleduna da Gasteizko Eusko Legebiltzarrean.
EH Bilduren gobernu egitasmoa aurkeztu zenuen: feminista, behin hasteko eta bat.
Gobernu feminista aldarrikatu nuen, baina jendeak paso egiten ote duen nago. Aldarrikapena ezinbestekoa iruditzen zait, baldin eta egunero feminismoaren zentzuan lan egingo badugu. Gobernu feminista martxan jartzeak iraultza ekarriko lioke gizarte honi arlo guztietan. Biolentzia matxista gertatzen denean biziro asaldatzen gara, agerraldi sutsuak egiten ditugu, baina gaia eguneroko bizitza aldatzeko premia bezala ez badugu lantzen, ez dugu bortizkeria muturrekoa moztuko. Emakumea biktima bezala ageri ohi da, baina hori baino gehiago gara. Esaterako, munduko bake prozesuetan emakumeak parte aktiboa diren kasuetan, prozesu horien emaitzak emankorrak dira. Beraz, emakumeok jendartean parte hartzeko berdintasun eskubidea merezi dugu. Eta ez da soilik bortizkeria jasaten dugula, emakumezkoak, besteak beste, ez du gizonezkoaren soldata bera jasotzen.
Gobernatzeko beste kultura politikoa aldarrikatu zenuen inbestidura saioan. Zer da beste kultura politiko bat izatea?
Bada, gure programan jasotako hainbat puntu lantzea: hasteko, gardentasun legea gauzatzea, alderdi politikoek egiten dutenekiko lege garden bat aplikatzea, herritarrek politikaren nolabaiteko kontrola izatea. Beste kultura politiko bat da, jendeari galdetzea eta erantzuteko aukera izatea eragin handia duten gaietan. Horregatik, Kontsulta Legea ere proposatzen dugu, adibidez, errauskailuaren gaian aplikatzeko. Halaber, kultura politiko berriak lagundu behar digu eguneroko xextra politikotik ateratzen. Politikariok lehiaketa tonto samarrean ari gara, hitz handiago bat nork esango. Tonua apaldu behar dugu, konfrontazio politikoa ondo dago, baina horretan guk politikariok eredu izan behar dugu, kontzertazio politikoa beste era batez landu behar dugu, ez gaitezen hitzetan ataskatu, betiko hitzek ez dute agian jada balio. Egia da, bakoitzak bere historia politikoa dauka, baina hogeita hamar urte ondoren geure jarrerak berritzeko garaia heldu da. Herritarrek guk baino maizago berritzen dute berea. PPko Alfonso Alonso jaunak niri egindako erreplikan esan zuen ados zegoela feminismoaren inguruan esan nuenarekin. Gustatu zitzaidan, PP eta EH Bildu beste ezertan ez baikaude ados. Eseri eta has gaitezen horretatik hizketan.
"Gobernu feminista martxan jartzeak iraultza ekarriko lioke gizarte honi arlo guztietan"
Zein da ezker abertzaleren legatu politikoaren 60 urteko zure balorazioa? Hau da, bere kultura politikoarena, ETA tarteko.
Hasteko, egun ezker abertzalearen aukera EH Bildu da, eta bertan Sortu ere badago, eta badaude ere Aralar, EA eta Alternatiba. Lehen biek ezker abertzalea bere-berea egiten dute. EH Bilduk erabaki du zer izan nahi duen eta nola aritu nahi duen politikan: soilik bide politiko eta demokratikoetan, bideak ETA ukitzen duen tamainan esaten dizut. EH Bildu ezkerreko koalizio soberanista da. Horiek dira bide egiteko finkatu dituen irizpideak. Hauteskunde kanpainan bereziki, beste alderdiek ezker abertzalea izan dute hizpide EH Bilduren kontra jotzeko, baina orain beste gauza bat gara, handiagoa eta zabalagoa. Guk Euskal Herria herri subirano bezala kokatu nahi dugu etorkizunean, ezkerretik, bakea eta justizia sozialaren ildoan. Arduragabekeria handia litzateke –halaxe adierazi nion Joseba Egibarri– EAJk hori horrela ez baloratzea.
Ezker abertzalearen historiaren balorazioa Sortuk egin behar du bereziki, Arnaldo Otegi eledunak bere ekarpena egin du jada. Modu batera edo bestera baloratu daiteke, baina, ziur aski, oraindik garaia ez da iritsi hainbat gauza sakonean aztertzeko. Bake eta elkarbizitzan urratsak emateko garaia da, geroago historia berriari modu pausatuagoan begiratzeko beta hartu beharko dugu, historiako pasarte batzuk lasaiago aztertzeko, bai batzuei bai besteei mina apur bat arindu zaienean. Ezker abertzalean ere badaude kaltetuak izan diren pertsonak. Esaterako, presoei eta iheslariei ez zaizkie berez dagozkien eskubideak errespetatzen. Lehenik zauriak ondo sendatu behar ditugu, orbanak betiko izango dira, baina zauriak ongi sendatzen baditugu ez zaie zornerik aterako. Bestela, historiak erakutsi digunez, ongi itxi ez ziren zauriek oraindik zorne botatzen baitute. Espainiako Altxamendu Nazionalaz ari naiz.
"Ni pisu bateko lurrean eseri nintzelako, aulkirik ez zegoelako, ez ninduten irtenbiderik gabeko bide batean sartu, hau da, garaiko kolegiora eraman beharrean ikastolara eraman nindutelako"
"Gure proiektua errealismotik abiatzen da, zuena ez da egingarria", esan zizun Egibarrek inbestidura saioan.
Gure proiektua egingarria da, eta EAJk beste proiektu bat balu, beste lehentasunak balitu, arlo sozio-ekonomikoan adibidez, bada, guk proposatzen ditugun gauza batzuetara hurbilduko litzateke. Gure proiektua kontrastatuta dago, bere txosten ekonomikoa dauka. Beste gauza bat da, ereduak eta lehentasunak aldatu behar izatea, orain politika batzuetarako erabiltzen ari diren diruak beste batzuetarako erabiltzea. Adibidez, daukagun sistema fiskala Europara gerturatzea proposatzen du EH Bilduk. Ez egun batetik bestera, baina aldatu nahi dutenekin akordatzeko prest gaude. EAJk guk presa dugula esaten du, bada, ez, guk geure bidea poliki egingo dugu. Gai bakoitza aztertuz eta gauza bakoitzean erreparatuz, kontu handiz, inork ez dezala pentsa nik nire seme-alabentzat nahi dudala Egibarrek egin nahi ez duenik. Batzuetan galdu behar da apur bat, "eman" behar da. Euskal Herriko herritar gehienok ondo bizi gara, baina milaka batzuk ez dira ondo bizi, argi indarra erabiltzeko arazoak dituzte. Ezin ditugu horiek ahaztu, milaka horien artean haur, nerabe, gazte eta helduak daude, pobreziaren marran. Ez dugu bi abiadurako gizartea eraiki behar. Pentsiodun asko oso diru gutxirekin bizi da. Bizitza osoa gogor lan egin ondoren, ezin dute zahartzaro duina bizi. Gure aldamenean bizi dira. Gehiengoa ondo bizi gara, baina guztiok hobeto bizi gintezke, baldin oso ondo bizi garenok apalago biziko bagina. Ni prest nago.
"Ez dugu inor irteerarik gabeko bide batera eramango", esan zuen ere Egibarrek. Lehen hori ETAri eragozten zitzaion, orain EH Bilduri.
Guk ere ez. Inortxo eraman ere. Gure helburua herri honentzat irteera hobeak aurkitzea da. Ni pisu bateko lurrean eseri nintzelako, aulkirik ez zegoelako, ez ninduten irtenbiderik gabeko bide batean sartu, hau da, garaiko kolegiora eraman beharrean ikastolara eraman nindutelako. Herri honek estatu lanabes batzuk martxan jarri zituen iraganean, hala kooperatibak nola ikastolak. Ordukoak irteerarik gabeko bidea irudi zezakeen, baina ez zen horrela izan. Batzuetan arriskatu behar da. Arriskatzeko ordua da.
Independentzia egikaritzen hasteko helburua duen indar politiko bakarra omen zarete. Ez dirudi herri hau oso independentzia zalea denik. Bakarrak zarete eta.
Une honetan, Euskal Herriaren independentzia posible dela aldarrikatzen dugun bakarrak gu gara, baina EAJk ere bere estatutuetan independentzia aldarrikatzen du. Gero, Iñigo Urkulluk "independentzia ez da XXI. mendeko terminoa" esaten badu, bada, ulergaitza eta sinesgaitza iruditzen zait. Lehendakariari esango nioke, XX. mendean Norvegia edo Montenegro independizatu direla Europan. Eta XXI.ean ere Eskozia, Katalunia edo Euskal Herria independizatu litezke. Izan gaitezke Danimarka, edo tamainagatik, Luxenburgo bezala. Bitartekoak behar ditugu herri bezala garatzeko, beste edozein herriren baten pare egoteko. Herritarrei egia esan behar diegu. Alderdi subirano zaleak bagara, subiranoa izango garen neurrian galdetuko diegu herritarrei independentzia nahi duten edo ez. Subiranotasuna partekatzeko moduez ere hitz egin behar dugu alderdiok, estatu batzuek herriaren subiranotasuna bankuekin konpartitzen baitute, herritarrekin kontsultatu gabe.
Zer bitarteko behar luke herri honek, kasuon Espainiatik bereizten hasteko?
Hasteko, lan arloan inposatutako lan lege bat daukagu, langileek urtetan borrokan lortutako eskubideak erabat suntsitzen ari dena. Zergen kudeaketan, esaterako, aldundiek kudeatzen dituzte baina zerga askoren gainean ez dugu esku-hartzerik. EAJk baina, zeinekin hitz egiten duen arabera gauza bat edo beste esaten du, denoi komeniko litzaiguke argiago hitz egitea. Halaber, Iruñeko Baluarten otsaileko Batzar Nazionalean Euskal Herria nazio bat dela esan zuten, erabakitzeko eskubidea duela, subjektu politikoa aitortu behar zaiola. Egia bada, bagara bi. Baina, EAJk ez du independentzia guk bezala aldarrikatzen, azken hamarkadetan behera egin du.
"Alderdi subirano zaleak bagara, subiranoa izango garen neurrian galdetuko diegu herritarrei independentzia nahi duten edo ez"
PSE-EE eta EAJren arteko gobernu akordioa gauzatu da. Historiaren harian...
Bai, baina EAJri ez dio gehiengorik ematen. Mendia andereari inbestidura saioan esan nion oso egoera zailean lortu duela gobernuan egotea, ikusgarritasun izugarria eman diona. PSEk hiru sail izango ditu, sekulakoa da hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, eta Espainian PSOE suntsituta dagoenean. Meritu hori aitortu nion Mendiari. Edozein kasutan, formula hau ezagutu dugu jada, eta une honetan Euskal Herriak beste une historiko bat bizi du, beste akordio bat behar genuke. Izan ere, Nafarroako egoera aldatu da, beste politika gauzatze bidean ari dira –ez dakit gauzatzera iritsiko diren, estatu arrazoia indarrez ari delako horren kontra–, bertako indar politikoak sekulako lana egiten ari dira, egindako akordioa eredugarria da. Iparraldean, berriz, lehen aldiz hiru lurraldeak batuko dituen instituzioa izango da. Horiek horrela, herri honek beste akordio mota bat behar zuen, besteak beste, akordioak EAJri nolabaiteko betoa jartzen diolako.
EAJk Gernikako Estatutua eguneratu nahi du. Zuek zer jarrera hartuko duzue?
Guk proposamen bakar bati ere ez diogu muzin egingo. Estatutu berri horretan erabakitzeko eskubidea bermatzea ezinbestekoa da guretzat. EH Bilduk lan egingo du legebiltzarrean, mahai gainean ezarriko diren puntu guztietan. Noski, erabakiak geuk hartuko ditugu, aldaketa ekarriko duen akordioa lortzen saiatuko gara.
"Inor akordiotik kanpo geratzen bada, bere erabakiz gera dadila", esan berri du Urkullu lehendakariak.
Hala beharko du. Baina denak batzeko zerbait egin beharko da, ezta? EAJk bere estatutuetan erabakitzeko eskubidea idatzia badu, ezar dezala estatutu berrian ere. Horixe aldarrikatu du Ortuzar jaunak oraindik orain. Baina, PP sartuko al da horretan?
EBBko buru Andoni Ortuzarren hitzetan, erabakitzeko eskubidea izango da estatutu berriaren muina. PSEren eta EAJren gobernu programak bat egiten omen du herritarren eskaera eta kezkekin.
Hori jendearen edo prentsa aurrean esan du, baina PSErekin sinatutako gobernu akordioan ez dago idatzita. Programak herritarren kezkekin bat egiten badu, legebiltzar honetako 75 kideetatik 57 erabakitzeko eskubideren alde gaude: EAJ, Podemos Elkarrekin eta EH Bildu. Herritarrek diotenez, %60k nahi luke galdetua izatea independentziaren inguruan. Beraz, egin dezagun politika norabide horretan legebiltzarrean.
EAJk Estatuko aurrekontuak Espainiako Gobernuarekin adosten baditu, eragingo al du legebiltzarreko martxan?
Bai, noski. EAJk aprobetxatuko du PPren ahulaldia gauza batzuk lortzeko. Baina kromo aldaketa baino ez da izango, guk beste parametro batzuetan lan egin nahi dugu. Ezin ditugu onartu Espainiako Gobernuak legebiltzar honi jarri dizkion helegiteak. PPk esan du helegiteak kentzeko prest dagoela. Beraz, onartzen du berariazko politika ezarri duela. Orain, komeni zaionean, horiek kentzeko prest dago. Parametro horietan ezin dugu politika egin. Hori lotsagarria da eta herritarrei horrela azaldu behar zaie, baita Espainiako Gobernuak zapalduta gauzkala ere.
Bitartean, zertan ari da Legebiltzarreko Autogobernu Batzordea? Zein da EH Bilduren ibilbide orria?
Oraindik ere ez dugu lehendabiziko bilera egin, lehenbizi denbora eman diogu Podemosi bere ekarpena egin dezan. Orain, batetik alderdiekin hitz egin behar dugu…
Beraz, luzerako da.
Bai, baina ez gara zerotik hasiko, aurreko legealdian lan bat egin zelako. Herritarrek lau urterako aukeratu gaituzte. Egibarrek esan zidanez, pazientzia historikoa behar da...
Eta pazientzia demokratikoa. Euskal herritarren kultura politiko berria pazientzia historikoa eta demokratikoa izatea da, antza.
Bueno, biak izan ditugu eta beharko ditugu. Lau urte hauetan herritarrei esan behar diegu, gutxienez politika berri bat martxan jarri dugula. Ez da legealdi honetan gauzatuko, baina estatutu berrian erabakitzeko eskubidea sartzen bada, lorpen handia izango da. Gu ez gaude hemen betiko, gero, berriz hauta gaitzakete edo ez.
Legebiltzarrean estatutu berria onartu eta Madrilera joan zen Ibarretxe lehendakaria. Ezberdina izango al da oraingoan?
Gure ustez, Madrilera negoziatzera joan aurretik herritarren babesa jaso beharko genuke. Legebiltzar honetan adostutakoa herritarrek babestua bada, askoz ere indar gehiagorekin joango gara Madrilera. Nik ez dut esperantza galdu nahi abiatu baino lehen, legealdia garrantzitsua da, urratsak emango ditugu. Urratsez urrats joan behar dugu.
ETA oldar gogorrenean ari zenean, indarkeriarik gabe dena posible zela zioten batzuek Madrilen, independentzia barne. ETAk jarduera utzi ostean, trantsizio moduko bat izango zela aipatu izan zen. Historia ez ote da berriz ere errepikatzen ari? Horrela bada, zer egin dezake EH Bilduk?
Independentzia aldarrikatzea posiblea da, baina egikaritzea ez. Hori horrela da. Espainiko Estatuak lurraldetasunean arazo izugarria dauka, bai Kataluniarekin bai Euskal Herriarekin. Nik ez dut sinesten Espainiak aldaketa konstituzionala egin dezakeenik. Espainiaren defizit demokratikoa begi-bistakoa da, Espainiak argi eta garbi esan du bakarra eta osoa dela, beraz alde horretatik ez da ezer berririk etorriko, PPk agindu edo ez beste batek agindu ere.
Horiek horrela...
Uneon, Estatutu berria lortu daitekeela uste dut, 35 urte ondoren bada garaia, erabakitzeko eskubidea bertan jasota, noski. | news |
argia-6dd6ad7670e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/youtuberrak.html | Ez dira ume-jolasetan ari | Jon Torner Zabala | 2016-12-25 00:00:00 | Ez dira ume-jolasetan ari
Geroz eta denbora gutxiago ematen dugu telebista aurrean, eta gehiago Interneten orotariko bideoak igo eta ikusten, belaunaldi gazteenek bereziki. Unibertso horretan izar berriak agertu dira: youtuberrak. "Frikiak" edota "tontolapiko hutsak" besterik ez direla pentsatzen baduzue, oker zabiltzate oso. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ohiturak errotik aldatu dituzten mihiluzeok, erreferente bilakatu dira komunikazioan, sareak eskaintzen duen askatasuna ardatz.
Telebistako audientzia-datuei erreparatuta, konturatuko gara programarik ikusienen artean beti dagoela futbola. Baita Tele5 edo La1 kateetako saioak ere, Hego Euskal Herriaren kasuan bederen. Youtuber arrakastatsuenak, aldiz, bideo-jokoez mintzo dira, edota estetikari buruzko gomendioak ematen dituzte, orotariko produktuak erosi eta zorroetatik nola ateratzen dituzten erakutsi, eskulanak egin, haien egunerokoa deskribatu eta abar. Ikus-entzunezko edukien kontsumitzaile gazteenek bestelako interesak dituzte. "Telebista pasa den mendeko asmakizuna da", diote. Horretan, arrazoirik ez zaie falta.
"Youtuberen kontu hori guztia zer den oso ongi ez badakizu, albiste txar eta on bana dugu zuretzat: Txarra da zahartzen ari zarela, eta ona, gu ere adinean aurrera goazela eta, gaur, apur bat modernizatzen saiatuko garela". El Enganche-ko kazetari Francisco Izuzquizak youtuberren gaineko irratsaioan egin zuen introa primeran datorkigu, hura bezala, gehiago identifikatzen garelako futbol kontsumitzaile tradizionalekin –adinez bederen–, Youtuben kanal propioa sortu eta kontu kontari aritzen diren influencer gazteagoekin baino.
PewDiePie suediarrak hilean zazpi milioi euro irabazi zituen 2014an, 'Expressen' egunkariaren arabera
Youtube da munduan hirugarren webgunerik ikusiena –Google eta Facebook ditu aurretik–. 1.800 urte beharko genituzke bertan dauden grabazio guztiak ikusteko. Bi hilabetetan webgune horretara bideo gehiago igotzen dira, AEBetako hiru telebista kate nagusiek 60 urtetan sortu dituztenak baino. Nerabeak dira erabiltzaileetako asko, smartphone, tablet edota ordenagailuz konektatzen direnak, baina datuek diote 18 eta 40 urte arteko herritarren artean ere telebistaren audientziak erruz gainditzen dituela. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira; zer, noiz eta nola ikusi gure esku dago geroz eta gehiago. Gaur egungo izarrak youtuberrak dira eta ez ditugu telebistan ikusiko. Haietako batzuek gainera dirua irabazten dute, horretatik bizitzera iristeko adina zenbaitetan, euren bideoetan iragarkiak txertatzen dituzten marka komertzialen ekarpen ekonomikoari esker. Youtube, youtuberrak, hura dugu etorkizuna, hura orainaldia, bere alde on eta txarrekin.
Zertaz aritzen dira youtuberrak?
Edozer gauzari buruz. Bota gai bat, bururatzen zaizuen arraroena, eta ziur badagoela horri buruz hitz egiten duen youtuberrik. Eta ez badago, ziur aurki agertuko dela. Arrakastatsuenek, mutilen artean bederen, bideo-jokoak dituzte ardatz, mundu osoan jarraitzaile gehien duten PewDiePie, HolaSoyGerman eta Smosh adibidez. Uneotan 50 milioi harpide inguru du lehenak, 30 milioi bigarrenak eta 20 milioi hirugarrenak. Adin tarte berekoak dira hirurak (23-28 urte), top-zerrendan ageri diren gainerako youtuberrak bezala.
Nesken artean aniztasun handiagoa dago. Egia da moda eta estetikaren inguruko gomendioak ematen dituztenak direla nagusi, Yuya (14 milioi harpide ditu) eta Zoella (11 milioi) kasu, baina bi horiek ere gai askori buruz mintzo dira, eta berdin Jenna Marbles (17 milioi), eguneroko kontuei umorez heltzen dien estatubatuarra.
'Umboxing' euskaraz
Harritu gaitu jakitea, bestalde, jarraitzaile gehien dituzten kanalen artean umboxing egiten dutenak daudela, alegia, orotariko produktuak erosi –edo "opari" bezala jaso– eta zorroetatik kameraren aurrean ateratzen dituzten youtuberrak. Lehenbiziko umboxing-a 2006an egin zen Nokia E61 telefono batekin. Ondoren etorri dira mota guztietako produktuak: jostailuak, txokolatezko arrautzetako sorpresak, gozokiak, etxeko tresnak eta abar luzea. Unpoltsing euskaraz egin duenik ere bada: Super Hiper Txopek, Nerea Arriola donostiarrak, "Sorturen kongresuan petatzeko militante eredugarriaren kita" erakutsi du bere kanalean.
Euskaraz aritzen diren youtuberrak oso gutxi dira oraindik, eta haien harpide kopuruak ez du zerikusirik sektoreko munstroek dituztenekin. Zuriñe Darceles hondarribiarra da bat, haur eta helduei zuzendutako kanal bana duena, bietan lehena euskaraz: Sleeptak. Eskulanak egiten ditu, esperimentuak, animazioak…
Sarean aurki dezakegun aniztasunaz jabetzeko, adibide deigarri bat jartzearren, Popeye arrepentido izena darabilen Jhon Jairo Velásques kolonbiarraren kanala aipa genezake. Medellingo droga karteleko sikarioa, Pablo Escobar narkotrafikatzaile ezaguna (1949-1993) "patroi" zuena, 300 lagun hil zituela aitortu eta 23 urte preso eman dituena, youtuberra da gaur egun. Pelikula batetik ateratakoa dirudien urtetako esperientzia kontatzen du bideoetan, Gobernuarekin zein harreman zuten, Escobarren indargune eta ahulguneak zeintzuk ziren... Interesa duenik –deitu "morboa" nahi baduzue– ezin ukatu.
Youtube, dirua egiteko makina… gutxi batzuentzat
Diru kopuru zehatzak ematea ezinezkoa da. Nolanahi ere, hedabideek haizatzen dituzten zifrak erotzeko modukoak dira. Expressen egunkariaren arabera, esaterako, bideo-jokoez mintzo den PewDiePie suediarrak, 50 milioi harpide dituenak, hilean 7 milioi euro irabazi zituen 2014an, bere kanalean Youtubek automatikoki paratzen dituen iragarkien eta, batez ere, haien produktuak kamera aurrean erakusteagatik marka komertzialek ordaindutako dirutza medio.
Bideoetan txertatzen diren iragarkien bidez dirua irabazteko, Youtuberi baimena eman behar zaio bideoak monetizatu eta publizitatea jartzeko. 1.000 bider ikusitako bideo bakoitzagatik 2 eta 8 euro artean poltsikoratu daitezke, hainbat faktore gora-behera: Erabiltzaileek bideoak osorik ikusten dituzten ala ez, norberak duen harpide kopurua, egun bereziak diren (Gabonak adibidez) eta abar. Irabazien parte bat Youtubek –alegia, Googlek– jasoko du.
Youtubeko kanalak geroz eta harpidedun gehiago izan, orduan eta erakargarriagoa bilakatuko da euren produktuak iragarri nahi dituzten enpresentzat. Telebista bera baino amu gozoagoa izan daiteke Internet, kontsumitzaile gazteenak helburu dituzten publizitate-kanpainentzat bereziki. Hainbat modura egin daiteke: Youtuberrek marka jakin bateko produktuez hitz egitea, produktu horien inguruko tutorial bat sareratzea (makillatzeko gomendioak ematea, esaterako) edota marka horretako zapatila, kamiseta, betaurreko edo dena delakoak jantzi eta argazkia partekatzea Facebook, Twitter, Snapchat eta Instagram bezalako sare sozialetan, elkar elikatzen baitute plataforma guztiek. Tranpolin moduan ere baliatu daiteke Internet, alegia, youtuber gisa ezagutzera eman eta telebista iragarkiak egiten hastea, aurkezle edota gidoilari aritzeko lan-kontratuak lortzea... Magia trukuak egiten dituen Telmo Trenado youtuber zumaiarrak, adibidez, Euskaltel konpainiaren publizitate-kanpaina batean parte hartu du.
Gauzak argi izatea komeni da, dena den. Ez da batere erraza bideoak igotzetik bizitzea. Oso gutxik lortzen du. Ordu asko eskaini behar zaizkio, eta zortea izan. Adituen gomendioa da ez bilatzeko hasieratik dirua irabaztea. Lehendabizi jarraitzaile talde fidela lortu behar da, eta haiekin harreman iraunkorra sortu. Gero gerokoak.
Telebista, pasa den mendeko asmakizuna
Youtuber moduan arrakasta lortzen laguntzeko gida mordoa dago eskuragarri. Ideia ongi mamitzeko, bideoei ukitu berezia emateko, irudia eta soinua zaintzeko, sare sozialak baliatzeko… eta azken gomendio bat: "Telebista ikusiko duzu pasa den mendeko asmakizun bat bezala". Internetek ematen baitu askatasun handiagoa, bideoak nahieran eta intimitatean ikusteko aukera. Intimitate hori, edota adin txikikoek Internetera igotako bideoen bitartez dirua irabazi ahal izatea –helduen baimena behar da horretarako– arrisku-faktoreak dira, gurasoen "nartzisismoa" sobera elikatu dezakeelako, seme-alabak pertsonaia famatu bilakatu nahi horretan, non eta Internet bezalako "mundu kaotikoan", José Antonio Luengo psikologoak dioen moduan.
Espainiako Estatuan 2 eta 11 urte arteko umeen hamarretik zazpik egunero ikusten dute Youtubeko bideoren bat. Internetek aukera ematen die haien idoloekin elkar eragiteko; youtuberrek gazteei interesatzen zaienaz hitz egiten dute, gazteek lagun artean hitz egiten duten moduan, ia mugarik gabe. Orain arte behintzat. Youtuber batzuek euren auzoa nolakoa den erakusten dute, haien etxea, logela, armairua… Ezer asaldagarririk ez. Badira, ordea, politika edota erlijioari buruzko iritziak ematen dituztenak, edo hizkera zakarregia erabiltzen dutenak. Hori horrela, Youtubek jakinarazi du diru-sarrerak kenduko dizkietela (bideoak monetizatzeko aukera ukatuta) "hizkera gordina" edo "umore berdea" erabili, "biluzte partzialak" edo "indarkeria irudiak" erakutsi, "droga kontsumoa bultzatu" eta "gai polemikoei buruz" (gerrak , politika…) hitz egiten dutenei. Duela bizpahiru hilabeteko kontua da, eta zein ondorio izango duen ez dago argi oraindik. Erabakiak haserrea eragin du halere, bereziki hizkera zakar, oihu eta irainak ezaugarri dituzten youtuberren artean –gizonezkoak gehienak–, Internetek erabat librea beharko lukeela iritzita.
Feminismoa youtuber fenomenoaren aurrean
June Fernandez:
"Tentuz ibili beharko genuke. Boikot eta eskratxe feministak egiteko grina ulertzen dut, baina youtuber horien ospea kontuan hartuta, ez al da kalterako izango?"
Pikara aldizkariko kazetari June Fernandez bilbotarrak youtuber fenomenoaz iritzia plazaratu zuen ARGIAren 2513. zenbakian , feministek jokatu beharreko rolaren inguruan. Dalas Review youtuberrari egindakoa du abiapuntu. Hiru milioi harpidedun baino gehiago ditu, eta bere diskurtsoa "misogino eta antifeminista" da, Fernandezen hitzetan. Dena den, zalantzan jartzen du feminista talde batek Madrilen burututako eskratxea (Review-ren liburu-aurkezpen bat oihuka eten zuten) edota Wismichu-ri egindako boikota (bere hitzaldi bat bertan behera geratu zen emakume batzuen presioagatik) ote diren biderik eraginkorrenak euren borroka gizarteratzeko, feministen aurka jartzen dituztelako youtuber horien zale diren neska gazteak: "Tentuz ibili beharko genuke. Boikot eta eskratxe feministak egiteko grina ulertzen dut, baina youtuber horien ospea kontuan edukita, ez al da kalterako izango? Zenbat neska ari dira feministekin haserretzen, miresten dituzten komunikatzaileen kontra –gustuko ala ez, komunikatzaileak baitira– egiten dugulako?". Halere, Fernandezek argi du zer edo zer egin behar dela "emakumeak putak direla edota indarkeria matxistaren salaketak faltsuak direla esaten duten" youtuberrekin: "Debekuak eta boikotak baino, nik beti nahiago dut kultura produktu arrakastatsuen kontsumo kritikoa sustatzea eta alternatibak ikustaraztea". Horietako batzuk dira Queer Avengers , RayNTG eta Psicowoman youtuber LGTB eta feministak.
Bestalde, Fernandezek dio berdintasunaren aldeko ekimenetan Youtubeko diskurtsoen inguruko hausnarketak gidatu beharko liratekeela, baina errespetuz betiere, gazteek jarrera defentsiboa hartuko dutelako esaten badugu haien idoloak "tontolapiko hutsak" direla, bideo batzuk ikustean guk ere pentsatu dugun moduan, egia esan behar bada. Hanka-sartzea litzateke, era berean, friki edo umemoko batzuen kontua besterik ez dela esatea. "Komunikabide bat gehiago da", diote El Enganche -ko irratsaioan Dani Senabre eta Rodrigo Fáez futbolaz aritzen diren kazetariek. Youtubera salto egin dute biek, besteak beste askatasun handiagoa eman eta haien buruen jabe izatea ahalbidetzen dielako, inoren esanetara lan egin behar izan gabe. Hobe dugu, beraz, kritika errazean ez erori eta youtuber fenomenoa aintzat hartzea, han zailduko direlako hein handi batean etorkizuneko sortzaile eta komunikatzaileak, eta han bildu ikus-entzunezko edukien kontsumitzaileak.
Nerabeak mintzo: "Telebista, Play-arekin jolasteko"
Youtuber fenomenoaz irakurri eta entzundakoak gure inguruko errealitatearekin bat datozen jakiteko, Iker 12 urteko mutilari eta Maite 15 urteko neskari galdetu diegu gaiaren inguruan. Hasi bakoitzak gogokoen dituen gaietatik (bideo-jolasak batak, estetika kontuak besteak) eta telebistaren gainbeheraraino, erreportajean idatzitakoarekin talka egiten duen ezer ez digute kontatu oro har.
Gustukoen dituzten youtuberrez galdetzean, Ikerrek aipatu ditu El Rubius, sTaXx, aLexBY eta Grefg, lauak mutilak, eta lauak Call of Duty bezalako bideo-jokoei buruz mintzo direnak bereziki, gaztelaniaz denak. Haien partidak zuzenean jarraitzea atsegin du Ikerrek, nahiz eta uste duen bideoek gehienez 10 minutu izan behar dutela. Maiz erabiltzen omen dituzte hitz itsusiak, eta sexuari buruzko komentarioak egin.
Maitek, bestalde, jarraitzen ditu Dulceida, Sara Baceiredo, Paula Gonu, Raquel Reitx, Marta Riumbau, Grace Villarreal edota Alex Puertolas, azken hau salbu, guztiak neskak, aritzen direnak bereziki moda eta estetika kontuez, baina bidaiak ere deskribatzen dituztenak, edota eskulanak egin, egunerokoaz jardun… guztiak gaztelaniaz. Euskarazko youtuberrik ez du ezagutzen Ikerrek; Iban Garcia (DespertaVlogs.eus) aipatu digu Maitek.
Youtuberren bizitzak "oso dibertigarri eta interesgarriak" direlako ditu gustuko Maitek. Gainera, bideoak igotzen dituztenak gazteak direla nabarmendu du eta, telebistarekin alderatuta, une bakoitzean nahi duzuna ikus dezakezula. Ikerrek telebista oso gutxi ikusten du. "Soilik erabiltzen dut Play Station-arekin jolasteko". Berarentzat pantaila hutsa da beraz, eduki-kaxa baino gehiago.
Datuek diotenez, ohikoena da mutilek bideo-jokoak eta neskek moda edota estetika gaiak jarraitzea. Bat datozen galdetuta, baietz erantzun digute biek. "Nola jantzi, orraztu, makillatu… kalera edo festa batera joateko ideiak hartzen ditut", azaldu digu Maitek: "Mutilak Minecraft edota FIFA bideo-jokoetan aritzen dira haien denbora librean, eta jokaldiren bat ez badakite YouTuben ikasten dute".
Eskolan informatika ikasten ote duten ere galdetu diegu. Baietz esan digu Ikerrek, jolasak eraiki eta teknologia garatzen irakasten dietela. "Asko gustatzen zait", dio. Maitek, bestalde, ez du berez informatika ikasten, baina Teknologia ikasgaian ordenagailuak erabiltzen dituzte "batzuetan". Irudiak egiteko Mongge programarekin aritzen dira gehienbat. "Youtuberi buruz ez dugu ezer ikasi, eta ez dut uste ikasiko dugunik". | news |
argia-4281ee9729d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/belodun-emakumeak-nork-du-zilegitasuna-haiek-epaitzeko.html | Belodun emakumeak: Nork du zilegitasuna haiek epaitzeko? | Onintza Irureta Azkune | 2016-12-25 00:00:00 | Belodun emakumeak: Nork du zilegitasuna haiek epaitzeko?
Pena izan da. Mahaian hiru baino ez dira aritu berriketan. Laugarren bat, Muna, gure artean izango zela uste genuen. Azken momentuan ezin izan du etorri. Emakume musulman batzuek janzten duten beloak sortzen duen eztabaidaz hitz egin nahi genuen, eta hara non azkenean, zapia erabiltzen duen bakarrak kale egin digun.
Eguskizak, Uriak eta El Halouik ez dute erabiltzen buruko mantelina, baina ez daude debekuaren alde. Ahulenen kontra, alegia, gure artean bizi diren emakume musulmanen kontra, azkenaldian sortzen ari den diskurtsoaz oso zuhur hitz egin dute.
38 arropa-neurrian sartu nahian dabiltzan emakume mendebaldarrak musulmanei lezioak ematen hasteko ez daudela uste dute, eta burujabetzaren bidean, onena, emakume bakoitzaren prozesua errespetatzea dela.
Hanka puntetan dabiltza hirurak gaia lantzerakoan, badakitelako emakume musulmanak hormaren aurka jarrita piztia elikatzen dela, hau da, islamofobiari jaten ematen zaiola.
Zergatik uste duzue hemen bizi den emakume musulmanak beloa daramala?
Aitziber Eguskiza: Lehenengo gauza, iruditzen zait oso desberdina dela mantelinaz, burkaz edo burkiniaz hitz egitea. Zergatik janzten duen beloa? Haietako bakoitzari galdetu beharko nioke. Hori da nire erantzuna. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu. Nik nortasunarekin lotzen dut, kultur nortasunarekin, baita erlijioarekin ere. Hori da nik daukadan ideia, baina milaka adibide egongo dira. Emakumeak ez darama zapia beti bere nortasuna aldarrikatzeko. June Fernandez kazetariak elkarrizketatu zuen emakume kubatarrak, Yasminek, [Yasmín Silvia Portales Machado] zapia darama eta ez da nortasunagatik. Orokorrean uste dut nortasuna defendatzeko dela, defendatzeko eta aldarrikatzeko. Baina berriro diot, nire ustea da.
Jatorria agerian utzi nahi dute?
A. Eguskiza: Ez dakit jatorria den kontua, batzuk hemen jaioak baitira.
Isabel Uria: Nik emakume bati galdetuko banio zergatik daraman mantelina, nahiko nuke berak erantzutea, "feminista naizelako eta nahi dudana janzten dudalako". Bitxia da, beste emakume batzuei ez diegu galdetzen zergatik daramaten bularraldea agerian, minigona, takoidun zapatak edo makillajea. Bat-batean mundu guztiari otu zaio galdetzea zergatik emakume jakin batzuek arropa jakin bat daramaten. Egia da, nortasun ukituak, erlijio ukituak ditu, eta baditu ezagutzen ez ditugun arrazoiak. Hala ere, nor gara gu emakume horiek buruan zer jarri behar duten eta zergatik erabakitzeko?
Afaf El Haloui: Batzuk nortasunagatik. Hor daudela adierazi nahi dute. Beste batzuek erlijioak esandakoa bete nahi dute. Erlijio musulmanaren barruan klaseak daude eta klase bakoitzak bereari erantzun nahi dio, batzuek zapia jartzen dute, beste batzuek, nikaba, beste batzuek ezer ere ez. Badira zapia janzteari utzi diotenak, ireki egin direlako, eta erlijioa praktikatzeari utzi diotelako. Beraz, janzkera abaniko osoa ikusiko dugu, erlijio praktika intentsitatearen arabera, fede gehiago edo gutxiago.
Zergatik uste duzue janzkera horiek debekatu nahi dituztela?
A. Eguskiza: Galdera hori entzunda beste galdera bat etortzen zait burura: Zergatik uste duzu nahi dela abortatzea debekatzea? Horrela kokatu nahi dut gaia, emakumeen gorputza kontrolatu nahi dute. Patriarkatuaren estrategia da, gure gorputza ikerketagai da, gure gorputzaz komentarioak egin daitezke, iritzia eman daiteke, eta gainera, gure gorputzak borroka zelaiak dira. Emakumearen gorputzarekin zerikusia daukan guztiaz hitz egin behar da, eztabaidatu behar da, zalantzan jarri behar da, zeren horrek esan nahi du gu erabakiak hartzen ari garela, autonomoak garela, eta badirudi gizarte honek eta botereak ezin dutela jasan.
Celia Amorósek [filosofo eta saiogile feminista] zioen denak berdinak bagina bezala erakustea nahi dela. Gero eta gehiago ari gara aldarrikatzen aniztasuna eta badirudi enbarazu egiten duela, eta askoz gehiago ez bagara ari kultura hegemonikoaz, Europako zuriaz, heterosexualaz, jabeaz, disfuntziorik gabeaz… Sistemari interesatzen ez bazaio kanpora, edo debekatu, edo ezkutatu.
Argazkia: Bostok Photo.
I. Uria: Heteropatriarkatuak beti kontrolatu nahi ditu emakumeen gorputzak eta bere sexualitatea. Batzuetan estali egiten du gorputza, beste batzuetan agerian uzten du, hondartza nudistan arropa kentzen genuelako harriak botatzen zizkiguten berak dira orain esaten ari direnak zapia daukan emakumeari ez zaiola utzi behar autobusera igotzen. Berberak dira, guk zer jantziko dugun, zer kenduko dugun, nolakoak garen, gure burua nola erakutsi nahi dugun, kontrolatu nahi duten gizonak dira. Egiten duzuna egiten duzula, bularraldea erakutsi ala estali, hankak depilatu ala ez, haien bedeinkapena behar duzu. Beloarekin horixe ari gara ikusten. Mendebaldean gaudenez, okerren daudenak eta diskriminatuenak direnak gure lagunak dira, beste kultura batzuetakoak, hemen bizi direnak. Haien janzkera daramatelako mendebaldeko gizontxoek, gaur egun boterea dutenek, estigmatizatuak dira.
A. El Haloui: Zapiak, hijabak… horiek denek emakume musulmanarekin dute lotura eta komunitate batengana heltzeko modurik errazena ahulenaren bidez egitea da, alegia, emakumearen bidez. Gaur egun mundu mailako politika islamaz dago kezkatuta, herrialde musulmanak eraso nahi dituzte, eta emakumearen bidez ari dira egiten. Lelokeriez ari gara, zapia jantzi ala ez, debekatu ala ez, ikaragarria iruditzen zait. Emakumeari utzi behar zaio berak erabaki dezan zer nahi duen eta zer ez. Munduan ehunka erlijio eta sinesmen daude, errespetatu behar dira. Gero, pertsona bakoitzak bere prozesua egingo du bizitzan,eta hobetzen joango da. Emakume musulmanek presio bikoitza dute, bata haien herrialdean edo kulturan, eta bestea mendebaldera etortzen direnean.
Debekuaz hitz egiterakoan heteropatriarkatua aipatu duzue, baina eredu horretan kokatzen ez direnak ere ari dira zalantzan jartzen zapiaren erabilera, debekatzea komenigarria den ala ez…
Afaf El Haloui. Argazkia: Irantzu Pastor.
A. El Haloui: Feminista musulmanak ari dira lanean. Haiek beste era batera bizi dute, barruan daude. Ez daude ados emakumeak estaltzearekin, gizonaren aginduei men egitearekin… Korana berrirakurtzen ari dira, testu misoginoak kentzea bultzatzen. Beste ikuspegi batekin ari dira borrokan, jakina, ez lehen esan dugun heteropatriarkatuaren testuinguruan, emakumearen gorputza kontrolatu nahian. Adibidez, haien galderetako bat da zergatik emakumeak estali behar diren eta gizonak ez. Estalita ere emakumeak objektu direla argudiatzen dute, "estali egin behar garagizonengan desioa ez eragiteko?".
A. Eguskiza: Fatema Mernissifeminista marokoarrak "El harén en Occidente" liburuan 38 arropa neurriaz hitz egiten du, emakumeen gorputzak kontrolatzeko modua da bere ustez. Bestetik, emakumeek zapia daramatela gizonen objektu sexual ez izateko? Ikusi ditut emakumeak goitik behera estalita eta gizonak aldamenetik txistuka.
Mantelina jarriko badut arrazoi askogatik jarriko dut, eta izan daiteke sinbolo patriarkala, 38 neurria den bezala, baina agian ez. Errazena epaitzea da. Nor naiz ni beloduna bizitza guztia dieta egiten ari den emakumea baino zorrotzago epaitzeko? Dietak gure lasaigarria dira.
I. Uria: Mendebaldeko emakumeon zapia da.
A. Eguskiza: Zapia daramatenek agian ez dute dietaren arazorik.
A. El Haloui: Bai, bai, dietaren arazoa ere badute, arazo berdinak dauzkate. [barrez ari dira hirurak].
I. Uria: Globalizazioaren ondorioak!
I. Uria: Onintza, zuk egindako galderari berriz helduta. Heteropatriarkatuak zatituta nahi gaitu, horrela garaituko gaituelako. Munduan bizi denmilioika musulman horietatik zati garrantzitsu bat Europan dago. Elkarrekin bizitzen ikasi beharrean, nola zatitu bilatzen ari dira. Gauza harrigarriak aurkitzen dituzu, adibidez heteropatriarkatua ari da saltzen Afganistan bonbardatzera joan dela neskek burka jantzi beharrik izan ez dezaten. Gezur hori entzun dugu. Irak inbadituko dugu hango emakumeak… baina han emakume medikuak zeuden, katedratikoak zeuden… Dena suntsitu dute. Zergatik? Petrolioaz baliatzeko.
Gizarte hau hobetzeko ahaleginak egiten ditugun mugimenduen zirrikituak bilatzen dituzte, feministen eta homosexualen bideak baliatzen dituzte, adibidez. Eta hala diote: musulmanak oso gaiztoak dira, zeren horiek emakumeekin, feministekin eta homosexualekin sartzen dira. Niri ez zait ondo iruditzen emakumeekin eta homosexualekin sartzea, baina hipokrisia iruditzen zait heteropatriarkatuak kontatzen diguna; hark esaten digu zer dagoen gaizki kultura batzuetan, eta guk onartu egiten dugu. Batzuetan arrazoi du, egia da, herrialde eta kultura batzuk emakumeen eskubideen kontra ari dira, esate baterako Saudi Arabia. Alabaina, Dakarretik Yakartara estatu musulman piloa dago. Indonesian emakumeak gizonen berdinak dira, laikoak diren estatuetan orain dela bi egun arte, Tunezen eta Turkian adibidez, gizon eta emakumeentzat eskubide berak zeuden. Errealitate horiek ez zaizkigu interesatzen. Norbaitek erabaki du behatza sartu behar duela eta horretan ari da.
Afaf El Haloui: "Utz iezaiezue emakumeei beraien emantzipazio prozesua egiten eta ez gehiago biktimizatu. Hemen zapia jantzita ateratzen den emakumeak badaki zer egiten ari den, berak jantzi nahi du"
Kultura europarrean munduaren zilborra izan nahian segitzen al dugu?
A. Eguskiza: Gauzak zalantzan jartzea gustatzen zait, hain daukagu heziketa sexista eta arrazista. Ez badugu hausnartzen betikotuko dugu sistema heteropatriarkal eta arrazista. Zergatik da hain erraza beloa zalantzan jartzea? Botere posizioan gaudelako gu.
I. Uria: Mendebaldeko gizon zuriak arrazionalak, objektiboak, neutroak, gardenak dira, zer dagoen ondo eta zer gaizki esaten dutenak. Beraz, mendebaldeko emakume zuriek, ez badute ezer zalantzan jartzen, uste dute beraiek ere gardenak, neutroak eta arrazionalak direla. Bitxia da, gizonek emakumeei esan digutena, alegia, haiek arrazionalak / gu irrazionalak, haiek askatasunaren alde borrokan / gu mendekoak, haiek zientzia egiten dute / guk magia edo horrelako zerbait… beste kulturetako emakumeekin errepikatzen ari gara. Ez baitugu ikusten gure motxila. Aitziberrek esan duen moduan, zalantzan jartzen hasten bagara, guk zein motxila daramagun konturatzen bagara, nondik hartua den ohartzen bagara eta ez badugu onartzen gizonek egin digutena, orduan jabetuko gara ez dugula gauza bera nahi beste emakumeentzat.
A. El Haloui: Eurozentrismoa bizi dugu guk bai, haiek dakite dena. Niri lehenengo egunetan gertatu zitzaidan. Politikaz zerbait esan nahi nuen eta ondokoak esan zidan, "zuek ez duzue hortaz ulertzen". Nik orduan ez nuen ondo hitz egiten gaztelaniaz, eta harrituta gelditu nintzen, nola ez dugula politikaz ulertzen? Garbi dago, hona iristen garenean, gugandik espero dena da berriz ikasi behar ditugula gauzak, hemengo kulturara moldatzeko. Baina guk ere badakargu gurea, guk ere badaukagu gure jakintza.
A. Eguskiza: Bera entzunda hitz batzuk etortzen zaizkit burura. Nola erabiltzen ditugun "gu" eta "besteak" hitzak. Garrantzitsua da jabetzea oraindik badirela "besteak". Gogoratu behar dugu, emakumeez hitz egiten dugunean, "gu" esaten dugunean haiek ere hor sartu behar ditugula. Beste hitz bat: zaurgarritasuna. Pribilegio gutxiago dituzte eta zailtasun gehiago dituzte ikusgarriagoak izateko eta komunikatzeko (sarri hizkuntza ere ez dute menderatzen). Beste hitz bat: gutxiestea. Nola gutxiesten dugun emakume bat haren itxuragatik, zapia daramalako, azal ilunagoa daukalako, ezgaitasun fisikoa daukalako. Lelotzat hartzen dugu, patriarkatuaren biktimatzat, joera orokorra da gizarte honetan. Berak ez daki, eta irakatsi egin behar zaio, eta lagundu egin behar zaio. Borondate ona oso arriskutsua da, bi aldiz biktimatzat hartzen ari gara. Asistentzialismoan, paternalismoan, erortzen gara.
A. El Haloui: Horrek min handia egiten du. Horregatik baino ez dira gugana gerturatzen, nire bizipenengatik diot. Laguntzera datoz, eta kito, hor geratzen da kontua. Ez dira gerturatzen zu ondo ezagutzeko, laguntasun harreman bat sortzeko. Lagundu, lagundu eta lagundu, diruarekin, ostatuarekin, konpainiarekin… eta kito. Zu hor eta ni hemen.
Gauza bat da onartzea ez dagoela ikuspuntu bakarra, eta beste bat ikuspuntu guztiak onargarriak direla pentsatzea. Beste kulturetatik datorren guztia onargarria al da? Emakumeen eskubideak ardatz hartuta beste kulturetako hainbat bizimodu eta ohitura ez dira ontzat hartzeko modukoak.
A. Eguskiza: Feministometroa hitza datorkit gogora.
Eta zer esan nahi duzu horrekin?
A. Eguskiza: Inkoherentzia aldarrikatu nahi dut. Emakumeen prozesuak errespetatu nahi ditut. Niretzat begien bistakoa izan daiteke, irudi gogorrak datozkit burura, lepoan eraztunak gehitzen doazen emakumeak adibidez, eta agian berak ez du horrela bizi, eta bere prozesua egitea behar du. Beharbada nik beharko dut nire prozesua egin, nire aurreiritziak ikusteko. Zenbat eta gertuago egon errealitate batetik are erlatiboagoa dela konturatuko naiz.
Aitziber Eguskiza. Argazkia: Irantzu Pastor.
Marra gorririk ez al dago?
A. Eguskiza: Egongo da. Ablazioaz gogoratu naiz. Nik ezin dut esan orokorrean mutilazioaren kontra nagoela. Ulertu egin beharko dut zer egiten den, zergatik, nola egiten duten emakumeek, nik ez dut sentitzen nire burua legitimatuta praktika bat debekatzeko. Debekatzeak kontrako efektua lortzen du. Landu dezagun sentsibilizazioa.
I. Uria: Landu dezagun kontzientziazioa.
A. Eguskiza: Mantelinak emakumeen eskubideak urratzen ditu? Ez. Muga jartzekotan emakumeen eskubideetan jarriko dugu, giza eskubideetan, eta gogoan izan behar dugu giza eskubideak ere mendebaldeko asmakizuna direla. Beti abiatzen gara mendebaldeko ikuspegitik. Munduko beste toki batean kokatzen banaiz, ziurrenik, beste era batera ikusiko dut. Hemen eta gaur emakumeari beloa janztea debekatzea, emakume horren giza eskubideak ukatzea da. Ez diogu uzten berak nahi duen bezala janzten. Burka beste gauza bat da.
I. Uria: Marra gorri nabarmenak daude: giza eskubideak, gizonenak, emakumeenak, neskatoenak eta mutikoenak. Giza eskubideak ezin dira bortxatu. Bortxatuko badira, egin daitekeen guztia egin behar da saihesteko, baita debekatu ere. Ablazioa dela, tratu txarra dela, edo giza eskubideen aurkako gauza argi bat dela. Baina arropa? Gauzak bihurritzea dela iruditzen zait. Ez da serioa. Janzkera, eta beste hainbat ohitura, bakoitzak bereak ditu, giza eskubideak ukitzen ez diren bitartean aurrera. Zeren bestela hona etorri direnei guk hemen dauzkagun giza eskubideak haiei ukatzen ari gara. Nola ukatuko dizkiot eskubide horiek hona datorrenari bere kulturan ez dakit zer egiteko ohitura dagoelako?
A. El Haloui: Desberdina den orok beldurra ematen du. Emakume arabiarrek hainbat arrazoirengatik janzten dute beloa. Nik ez dut onartuko debekatzea, eta ni ez nago zapia jartzearen alde. Pertsona bakoitzak bere prozesua egin behar du, pertsona bakoitzak eskubidea dauka bere burua zalantzan jartzeko eta bere prozesua egiten uzten badiogu, ziur iritsiko dela momentu bat non bere gorputzaz hausnartzera iritsiko den. Nik emakume marokoarrak ezagutzen ditut gehienbat, eta badakit gauzak zalantzan jartzen ari direla, matxinatzen ari direla. Iritsiko da egun hori. Ez dut gehiegi esan nahi, baina hasita dago mugimendua, nik ilusio handia daukat. Katalunian bertan emakumeak meskitan sartzeko eskatzen ari dira, haien ekintzak egin nahi dituztelako. Palestinan emakume juduak, kristauak eta musulmanak atera dira kalera bakearen alde. Utz iezaiezue emakumeei beraien emantzipazio prozesua egiten eta ez gehiago biktimizatu. Hemen zapia jantzita ateratzen den emakumeak badaki zer egiten ari den, berak jantzi nahi du, badaki kalean biktimatzat hartuko dutela. Zapia jartzera derrigortutakoak badira, baina gutxi. Nerabe, gazte eta senarrarengana etorri berri diren emakumeetan antzematen da hori. Denbora behar dute irekitzeko, elkarbizitzeko, eta lortuko dute prozesua egitea.
A. Eguskiza: Oso modan dago islamofobiaz hitz egitea hedabideetan. Terrorea da, eraso egingo digute. Amerikako Estatu Batuei kopiatu diegu, beldurraren kultura. Eta bat-batean mantelina daraman emakume batek…
I. Uria: Bonba jar dezake!
Aitziber Eguskiza: "Oso modan dago islamofobiaz hitz egitea hedabideetan. Terrorea da, eraso egingo digute. AEBei kopiatu diegu, beldurraren kultura. Eta bat-batean mantelina daraman emakume bat edo seko ergela da edo terrorista izan daiteke"
A. Eguskiza: Edo seko ergela da edo terrorista izan daiteke. Badakigu hemen zer esan nahi duen terrorista hitzak, estigmatizazioari dagokionez.
Ez daude emakumeen eskubideez kezkatuta beraz.
I. Uria: Bonbardatzeko baliatzen ari dira, petrolioa ia doan hartzeko. Guk beldurra izan behar dugu.
A. Eguskiza: Moroak gaiztoak dira, arriskua dira, bonbak jar ditzakete. Nekatuta nago.
Lehen 38 neurria aipatu duzue eta mendebaldeko emakumeok bizkarrean daramagun motxilaz ere hitz egin duzue. Beste kulturetako diskriminazioa kritikatzen dugu, baina mendebaldeko emakumeek ere zapalkuntzak bizi ditugu. Legitimatuta gaude besteen zapalkuntzez hitz egiteko?
A. Eguskiza: Depilazioa datorkit burura.
I. Uria: Niri ere bai, ikaragarria da.
Baina legitimatuta gaude?
A. Eguskiza: Legitimatuta gaude sareak sortzeko, kontatu dizkiguten arazoez interesatzeko, eta ez epaitzeko, ez gaude legitimatuta pentsatzeko arrazoi absolutua daukagula, salbatuko ditugula. Uste dut lehen ere esan dudala hau, baina iruditzen zait oso ohikoa dela horrela jokatzea eta ez zait gustatzen.
I. Uria: Gizakiak uste baino antzekoagoak gara. Emakumeok, saltzen diguten beldurraren eta banaketaren aurrean, senidetasuna eraiki dezakegu.
Galderan motxila aipatu duzula, zertaz ari garen azaltzeko adibide bat emango dut. Lehenengo sufragistak iparramerikarrak izan ziren eta kuakeroetatik zetozen. Emakumeen burujabetzaren aldeko borrokan, motxilan, jatorri kuakeroa zeukaten, nahiko zorrotzak ziren. Sekula izan den mugimendu feminista puritanoenetakoa izan da. Guri antzeko zerbait gertatzen zaigu. Belorik ez daramagu, baina gure Euskadi puritanoa hor daukagu, eta puritanoak ez diren lagunekin, haien bularralde biluziekin edo minigonekin zorrotzak gara. Kultura bakoitzak bere motxila dauka. Ez badugu norberaren motxila ikusten, aurreiritziz aurreiritzi ibiltzen gara. Aldiz, ikusten badugu, elkar hobeto uler dezakegu.
Isabel Uria. Argazkia: Irantzu Pastor.
Afaf, zuri galdera beste era batera egingo dizut. Lezioak ematen ari garela sentitzen duzue? Nola jantzi behar duzuen erabakitzen ari gara.
A. El Haloui: Ez da arropa kontua soilik. Norberak ez du bere burua ikusten, bestea ikusten du. Esaera marokoarrak hala dio, gameluak ez duela bere konkorra ikusten, beste gameluaren konkorra baizik. Era batera edo bestera, emakume guztiok bizi dugu heteropatriarkatuaren presioa, denok, ez dugu askatzea lortu [irribarre txiki bat eginez beste biei begiratu die]. Denok ari gara borrokan askatasun gehiago lortzeko.
Hemen emakume musulmanak biktimizatu egiten dituzue, eta biktimizatu baino gehiago ergeltzat hartu. Hijaba duen emakumeari lagundu egiten zaio, dena oparitzen zaio. Zergatik ez duzuezuen mailan jartzen? Elkarrekin egingo ditugu gauzak? Beste jarrera horrek min handia ematen dit. Emakume marokoar eta euskal herritarren elkartean horixe lantzen dut, zeren hainbeste lagunduta, emakume gutxik lortu dute gizarte honetan aurrera egitea, hemengoekin harremanetan jartzea. Mendebaldeko emakumeek dena egiten diete. Denok ditugu hankak, besoak eta burua.
A. Eguskiza: Garrantzitsua da esan duzuna, gutxiesteko dugun arriskua. Bebe abeslariak hala dio, "zenbat eta gehiago heltzen didazun orduan eta beldur gehiago dut erortzeko".
Hainbat herrialde musulmanetako feminista batzuk kritikatzen ari dira Europan beloa ez debekatzearen alde emandako iritziak. Haiek diote beloa, nikaba… herrialde askotan ez direla ez ohitura (beste herrialde batzuetatik kopiatu dituztela berriki) ezta sinbolo erlijioso ere (Koranak halakorik ez dioelako). Janzkera diskriminatzaileak direla eta haien herrialdeetan janztera derrigortzen dituztela diote. Europan debekuaren aurka eginda ez dietela haiei batere laguntzen.
I. Uria: Orain dela bi egun arte Egipton, Turkian, ez zuten zapirik janzten. Orain bai. Istanbulen emakumeak zapirik gabe zebiltzan, liburu denda feministak zeuden.
A. El Haloui: Feminista islamistak ahalegin handia egiten ari dira Korana berrirakurtzeko eta egia da eraso egiten zaiela egiten ari diren lanagatik. Ez dira ari lanean kanpotik, barrutik baizik, eta babestu egin behar dira. Horrek ez du esan nahi Europan era bateko eta besteko arropak eramatea debekatu behar dugunik.
A. Eguskiza: Nik uste dut diskurtsoa zaindu behar dugula. Zein efektu lortuko dut gurean, sinbolo patriarkalen kontra nagoela edo erlijioen kontra nagoela bakarrik esanez hitz egiten badut, gure testuingurua kontuan izan barik? Zein da LARRUNeko irakurleengan dudan eragina esaten badut erlijio guztiak misoginoak direla? Zeren hori ere esatea badaukat. Gurean islamofobia handia dugula oso argi daukat. Piztiari jaten ematea litzateke. Ez zait interesatzen. Kalean pertsonak ikusi nahi ditut, haiekin hitz egin, galdetu. Lagun batek kontatu zidan entzun zuela nola dendari batek bezeroari galdetu zion ea ez al zen garaia zapia kentzeko.
Isabel Uria: "Bitxia da, beste emakume batzuei ez diegu galdetzen zergatik daramaten bularraldea agerian, minigona, takoidun zapatak edo makillajea. Bat-batean mundu guztiari otu zaio galdetzea zergatik emakume jakin batzuek arropa jakin bat daramaten"
A. El Haloui: Inori ez zaio esan behar zer egin behar duen. Nik nire prozesua egin dut eta gaur egun ez naiz musulmana. Bide hau ez dut egin hemengo jendeari plazer emateko, niregatik egin dut, horrela egin behar nuela pentsatu dut. Nik zapia dutenekin egiten dut lan eta asko maite ditut. Kontraesana dela uste dut zapia eramatea, baina ez diot inori esaten mantelina kentzeko.
A. Eguskiza: Harropuzkeria da.
I. Uria: Ez da debekatu behar.
A. El Haloui: Nire alabak bihar zapia jarri nahi badu ez diot esango ez jartzeko. Ni alaba modu batez hezten ari naiz, baina berak jakingo du zer egin nahi duen.
A. Eguskiza: Ohiturak aldatzeko edo berrasmatzeko denbora asko behar da, begira Gabonak, ohitura kristauak dira eta hor dira. Prozesuan lagundu beharko diozu emakume horri, baina ez esan zer egin behar duen. Zuk esan diezaiokezu zure bidean zer egin duzun, nola moldatu zaren.
A. El Haloui: Guk ere ikasi behar dugu hemengotik, zuen ohiturak errespetatu behar ditugu, gureak errespetatzea nahi dugu eta. Elkar errespetatzen badugu, agian, elkarbizitzara iritsi ere egingo gara. Orain jokatzen ari garen moduan gorrotoa eragiten ari gara. Eta amorrua, musulmanek gero eta amorru gehiago dute eta hala hitz egiten dute: "Zertan ari dira? Hau debekatu bestea debekatu, hedabideetan idatzi… musulmanengan beloak baino ez dituzte ikusten!".
Afaf El Haloui: "Garbi dago, hona iristen garenean, gugandik espero dena da berriz ikasi behar ditugula gauzak, hemengo kulturara moldatzeko". Irudian bi emakume kultur aniztasunaren alde egindako jai batean. Argazkia: Irantzu Pastor. | news |
argia-50796006443a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/484-milioi-euro-eragiten-dituzte-azokek-gipuzkoan-urtean.html | 48,4 milioi euro eragiten dituzte azokek Gipuzkoan urtean | Garazi Zabaleta | 2016-12-25 00:00:00 | 48,4 milioi euro eragiten dituzte azokek Gipuzkoan urtean
"Espazio biziak dira azokak, herrian elikadurarekiko harremana islatzen duten gune garrantzitsuak". Ekonomian doktore eta EHUko irakasle Mirene Begiristainen hitzak dira. 2015-2016 bitartean Gipuzkoako nekazari azoken eragin sozial eta ekonomikoak aztertzen aritu den lantaldeko partaide da bera, Eduardo Malagon eta Aintzira Oñederrarekin batera. Tolosako eta Goierriko Landa Garapen Elkarteek azoken gainean hasitako hausnarketatik sortu zen ikerketaren ideia, eta Landaola Federazioak abiatu du proiektua. Hasieran ikuspegi ekonomikoari eman zioten bereziki garrantzia, eta azoketara hurbiltzean eragin sozialak neurtzea ere nahitaezko iruditu zitzaion lantaldeari.
Ekoizpen txiki eta dibertsifikatua
Gipuzkoako hamar azoka aztertu ditu ikerketa taldeak. Bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, eskala txikiko ekoizpen dibertsifikatua nagusi da ekoizleen artean, eta profilak antzekoak dira gehienetan: emakume baserritarrak dira nagusi (%56), baita kontsumitzaileen artean ere. "Emakumeak jarraitzen du elikadura burujabetzaren aurpegi izaten, eta berdin gertatzen da azoketan", azaldu digu Begiristainek. Ikerketan genero ikuspegia ere txertatzen saiatu da lantaldea.
Profilei dagokionez, atentzioa ematen duen beste datu bat da azoketan gazteek duten presentzia txikia: "Baserritar gazteek normalki beste bide batzuk bilatzen dituzte beren produktuak saltzeko, hala nola, kontsumo taldeak edota kooperatibak. Eta, azken batean, baserritar gazteek erakartzen dituzte kontsumitzaile gazteak". Bada zereginik zentzu horretan, beraz.
'Zer nolako azokak nahi ditugu?'
Zuzenean nahiz inguruko establezimenduetan azokek duten eragin ekonomikoa handia da: 27,9 milioi eurokoa da gastuaren eragin zuzena, eta 20,5 milioi eurokoa zeharkako eragina. Guztira, 48,4 milioi euroko mugimendua dakar.
Hori ikusita, fokua politika publikoetan jartzea garrantzitsua da Begiristainen ustez: "Ez dago azoken kudeaketarako gobernantza eredurik. Azokek funtzionatzen dute beti funtzionatu izan dutelako, badutelako inertzia eta tradizioa". Kudeaketa ereduei buruz hausnartzea eta baserritarrekin batera estrategiak garatzea ezinbestekoak dira azokek bizirik iraun dezaten. | news |
argia-a01861564277 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/etaren-armagabetze-zibila-abian-da.html | Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar EHko HELEPek ETAren armagabetzean parte hartzeko deia | ARGIA | 2016-12-22 00:00:00 | Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar EHko HELEPek ETAren armagabetzean parte hartzeko deia
Luhuson ETAren armak suntsitzeko prest ziren gizarte zibileko kideen atxiloketak soka luzea eragin du. Jarraipena egiten ari gara. | news |
argia-ab2c42826c2e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/aitana-oltra-zientzialaria.html | "Beti egon da herritar zientzia, baina iraultza handia dago sakelakoei eta interneti esker" | Jabi Zabala | 2016-12-25 00:00:00 | "Beti egon da herritar zientzia, baina iraultza handia dago sakelakoei eta interneti esker"
Aitana Oltraren iritziz, zientzialariek ez ezik, herritar arruntek ere espezie arrotz inbaditzaileen hedapena neurtu dezakete, herritar zientzia deritzona eginez. Are gehiago, herritarrek politika publikoetan eragin dezaketela uste du Oltrak. Urteak daramatza CSICen barruko Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroan (CEAB) tigre eltxoen ezaugarriak eta hedapena ikertzen. Mosquito Alert proiektuan zientzia eta parte-hartzea uztartu nahi dituzte.
Zer da herritar zientzia?
Herritarrek era aktiboan esku hartzen duten zientzia. Herritarrak sentsore edo datu biltzaile moduan aritu daitezke. Sentsore moduan esku hartze pasiboagoa da, adibidez, hirian zarata neurtzeko helburu hutsa duen aplikazio baten kasuan, baina gure kasuan eltxo batzuen bila zoaz eta aurretiazko jakintza behar duzu, eltxoa ezagutzeko gaitasuna, eta ondoren bila abiatuko zara.
Smartphoneei esker egin daiteke herritar zientzia egun.
Beti egon izan da herritar zientzia, baina iraultza handia dago sakelakoei eta interneti esker. Kamera, audioa, kokapena, azelerometroa… Oso baliagarriak dira. Badira beste herritar zientziako proiektu batzuk "zuk zeuk egin" filosofiarekin. Kit bat muntatu eta meteorologia estazioa ezar dezakezu etxean.
Eta zuek tigre eltxoaren kasurako egokitu duzue herritar zientzia. Zer da tigre eltxoa?
2004an Espainiara heldutako espezie inbaditzailea da Aedes albopictus . Jatorriz Asiako eki-hegoaldekoa da, baina lurralde berrietara zabaltzeko gaitasun handia du eta Mediterraneoko kostalde osoa hartua du dagoeneko. Hemengo eltxoak ez bezala, egunez ibiltzen da ziztadak ematen, ziztada ugari eta mingarriak ematen ditu eta hiriguneak atsegin ditu. Bizi kalitatea urratzen du eta gaixotasun batzuen hedapenerako bektorea izan daiteke, denge edo chikungunya sukarra kasu.
Gaixotasun horiek ezin dira zabaldu eltxoa ez badago?
Ez. Eltxoen bidez zabaltzen direnak arbobirusak dira: eltxoa ez badago, gaixotasuna ez da hedatuko. Biak behar dira, gaixotasuna eta bektorea, horregatik da garrantzitsua eltxoak kontrolatzea.
Mugatu dezakegu eltxoaren zabalkundea?
Bai, beraren hedapenerako erraztasunak murriztuz. Ur geldia dagoen guneetan erruten dute; zoritxarrez, oso ontzi txikietan ere ugaldu daitezke, eta horrelakoak ugari dira lorategi, parke eta patioetan. Zorionez, herritarrek eta administrazioak jakitun egonez gero, horrelako guneak eta putzuak kendu ditzakete.
Eta Mosquito Alert aplikazioak datu horiek bidaltzea ahalbidetzen du?
Bi gauza bilatzen ditugu: errute guneak eta helduak, eta kokapenaz gain argazkia bidal daiteke. Argazkirik ez duten datuak estatistika moduan tratatzen ditugu, eta argazkia dutenek balio handiagoa dute. Sinesgarritasuna da herritar zientziak duen arazoetako bat, ez jendeak gezurra esango duelako, datuak oker egon daitezkeelako baino. Estatistikaren bidez emango diegu datu horiei fidagarritasuna, batez bestekoa kalkulatuz.
Eltxoaren zabalkundeaz datuak emateaz gain, herritarrek ezin dute beste ezer egin?
Bai, herritar zientzia kudeaketan integratu. Ingurugiroaren kudeaketan eskumenik ez duten ikerketa guneek bultzatu dute proiektu hau, baina hasieratik gure asmoa izan da eragin dezaketen administrazioei helaraztea datuok. Udalak, autonomia erkidegoak, administrazioentzat lan egiten duten enpresak… Eskumenak banatuta daude eta ez da erraza kontua. Bizpahiru udal handirekin lortu dugu koordinazioa. Bartzelonako Udalean, kasu, osasun publikoaren agentziak datuen egiaztatze taldean parte hartzen du.
Izurriteen datuak hedatzeak, datuak zabaltzeak... Administrazioen mesfidantza sor dezake.
Beldurra ulergarria da, dena ustez kontrolpean zutela Pandoraren kutxa zabaldu genuen neurri batean, datuak mapa publikoetan zeuden arren. Saiatu gara mezu positiboa sortzen, ez gaude administrazioa izorratzeko, batera borrokatzeko baino. Udal batzuek ukatu egin zuten hasieran eltxoaren presentzia, batez ere turismo handiko guneetan, baina jendeak argiro ikusten duen hori ukatzeak are gehiago kaltetzen zuen euren irudia. Proiektuaren webgunean, datuak jendearen esku jartzeaz gain, babes neurriak ere eskaintzen ditugu.
Haurrekin ikasgeletan arrakastaz egin duzue herritar zientzia esperientzia eltxoarekin. Nola?
Saiatu gara metodo zientifikoa lan tresna bezala garatzen eskolan, aplikazioak lagunduta, baina ikasleei galderak eginda. Adibidez: badira nire herrian tigre eltxoak hazten diren toki asko? Galderari erantzuteko lan metodoa garatu eta datu bilketa egin behar izan dute. Guk tresnak eman dizkiegu, aplikazioa eta datuen bilketa behar bezala egiteko jakintza. Profesionalek bezala egiten ikasten badute, bihar-etzi oso baliagarria izango zaie pentsamolde hori menperatzea.
Hemen liztor asiarra dugu, baita landare inbaditzaile batzuk ere. Antzeko proiektuak daude horien inguruan?
Euskal Herrian EEIKO dago, enpresa pribatu batek sustatua, batez ere panpa-lezkarekin eta beste landare batzuekin ari dena lanean; liztor asiarraren inguruan VespAPP dago Balearretan, baina egokitu liteke honako; Natusfera sortu du CREAF zentroak... Zerrenda amaiezina da. | news |
argia-94f85c4f5d0b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/cherbourg-nafarroako-kostaldea.html | Cherbourg, Nafarroako kostaldea | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-12-25 00:00:00 | Cherbourg, Nafarroako kostaldea
Cherbourg, 1300. Frantziako Filipe IV.a Ederrak (1268-1313) hiria gotortzea erabaki zuen, Calaisen ondoren Ingalaterrako kostaldetik gertuen dagoen lurmuturra izanik, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gatazketan garrantzi handiko gune estrategikoa baitzen.
Ederki gotortu ere, Ehun Urteko Gerra osoan (1337-1453) ez baitzuten hiria behin ere indarrez hartu. Esaterako, Ingalaterrako Eduardo III.aren soldaduen erasoari aurre egin zion hiriak 1346an. Jean Froissart (c. 1337–c. 1405) idazle eta historialariaren iritziz, Cherbourgekoa munduko gaztelurik sendoenetakoa zen. Baina horrek ez du esan nahi gerra luzean hiriak jabe bakarra izan zuenik; 116 urte horietan Cherbourgen jurisdikzioa sei aldiz aldatu zen, salerosketak eta itunak medio. Eta ez zen frantziarren eta ingelesen eskuetan soilik egon, Nafarroako Erresumaren parte ere izan zen Iruñetik ia 1.000 kilometrora dagoen portua.
1353an eskuratu zuen Nafarroako Erresumak Cherbourg lehenengoz. Frantziako errege Joan II.a Zintzoak "Cherbourgeko jaurerri eta hiribildua" Joana Valoiskoa alabari eman zion ezkonsari, Nafarroako errege Karlos II.a Evreuxkoarekin (1332-1387) ezkondu zenean. Frantziarren oparia ingelesen zerbitzura jartzea erabaki zuen handik hiru urtera Filipe Evreuxkoa infanteak, baina ofizialki nafar lurraldea izango zen 1378ra arte. Urte hartan, Karlos V.a Frantziakoak hiria setiatu zuen, Nafarroako erregeak Normandian zeuzkan gainerako lurraldeekin batera. Nafarrek setioari eutsi zioten, baina posizioa ahulduta, Cherbourg hiru urtez errentan Rikardo II.a Ingalaterrakoari uztea erabaki zuten. Hiru urteak joanda, Ingalaterrako erregeak ez zuen gune estrategikoa itzuli. Karlos II.a Gaiztoaren ahaleginak alferrikakoak izan ziren, eta haren seme Karlos III.ak (1361-1425) lortu zuen hiria berreskuratzea, 1393an.
Cherbourg Nafarroako Erresumaren parte izan zen beste hamaika urtez. Orduan, setioek eta erasoek luzaroan lortu ez zutena diruak lortu zuen. 1404ko ekainaren 9an sinatutako hitzarmenaren bidez, Karlos III.ak 200.000 libraren truke saldu zion Cherbourg Karlos VI.a Frantziakoari. | news |
argia-3b77d269ec2e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/orbeldi-errioa.html | Orbeldi errioa | Jakoba Errekondo | 2016-12-25 00:00:00 | Orbeldi errioa
Mizpirak ekarri zuen itulan udazkena, baina azaroa haizeak udazkentzen du. Orain, egun-argia motzenera ekarri zigun sasoiari errematea eman eta neguari ere haizeak irekiko dio kereta. Haizeen mende bizi behar.
Udazkentzearena egun batekoa izan ohi da, niretzat. Jeneralean, haizete batek baino gehiagok biluzten eta azal-bizitzen dituzte landareak, pixkanaka, hostoak prestatu ahala. Aurten, baina, nabarmena izan da. Garoak ebakitzeko lizentzia ekarri zuen irailetik hasi eta gaztainazituan segi, urtaro gozoa izan da; haizeak azaroa bururatu duen arte. Haize horri behar bezalako harrera egiteko, zuhaitzek, arboleek eta zuhaixkek ikaragarrizko kolore deigarrizko soinekoak jantziak zituzten. Haizea berandutzen, eta landareek, luze etsita, soinekoak aspaldiko kolore sorta ederrenekin loratuta. Ufako bolada arte, haizea indarrean harrotu eta biluztea ikusgarria izan da. Haizeak jantzi zuen basoaren soinekoa. Haize guztia baso zen. Haize bat hosto. Gau osoan dantzan ibili zen hosto jendea, denak elkarren arrimuan, haize-sokan. Eta halako batean, haizea nekatu zenean, bazterretara bildu eta ezkutatu egin zen. Soinekoa bazter horietan geratu da. Hostaia orbeldu da. Orbeldi izena duen zokoa bada gure auzoko herrian, haize hotzak habia orbeletan egiten duen bazter ospela.
Bazterretatik urak bereganatu eta mugitu du orbela. Errekak, ibaiak, errioa eta itsasoak jantzi dute orduan hosto soinekoa. Gure etxepeko errioan mareak gora jo zuenean, ur gaina erabat hosto zen. Errio bat orbel.
Badira, haizeak haize, oraindik ere koloretako soinekoari soinean eusten diotenak. Etxetik urrutira gabe, egunero ikusten dudan sagarrondo bat ( Malus x domestica ) aspaldiko urteetan ezagutzen dut, eta, urtetik urtera, bere egoskorkeria txalotzera geratzen naiz bere azpian. Gehiago maite dut bere hostaiaren kolore dantzagatik, bere fruituengatik baino. Gaur, negu, oraindik gorri dago. Eguna nola luzatzen den ikusten. | news |
argia-47531b4bd34f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2535/migratzaile-desagertuen-amak-haien-bila-dabiltza-guatemalatik-mexikora.html | Migratzaile Desagertuen Amak haien bila dabiltza Guatemalatik Mexikora | Pello Zubiria Kamino | 2016-12-25 00:00:00 | Migratzaile Desagertuen Amak haien bila dabiltza Guatemalatik Mexikora
Abenduaren 3an amaitu zen Chiapasko (Mexiko) Tapachulasen Erdialdeko Amerikako Migratzaile Desagertuen Amen 12. karabana, 18 egunetan 3.800 kilometro korritu autobusez eta 30 hiritan seme-alaba desagertuen aztarnen bila ibili ostean. Azken 10 urteotan 70.000 baino gehiago dira AEBetara iritsi nahian galdutako gizon eta emakumeak, asko nekeak lehertuta edo coyoteek abandonaturik hilik.
2016ko Karabanak lortu du 41 gurasoetatik –gehienak amak– lauk galdutako seme edo alabarekin kontaktua berreskuratzea, baita 37 urtez elkarren berri izan ez duten bi ahizpak ere. Denetara hamabi urteotan 269 reencuentro lortu ditu MMM Movimiento Migrante Mesoamericano elkarteak, gurasoen karabanaren aitzakiatan antolatzen den elkartasunezko mugimenduari esker.
MMM saiatzen da desagertutako migratzaileen bilaketan, ugaritu egin baitira Honduras, Nikaragua, Salvador eta Guatemalatik pasata AEBetara heldu nahian Mexikon barna ibilaldi gero eta arriskutsuagoan abiatutakoen artean. Karabanako kideek beren senideen arrastoak bilatu dituzte ostatu, kantina, gobernuaren bulego, espetxe, komertzio eta herrietako plazetan, Mexikoko 11 estatutan. Aldi berean, Marta Sánchez Soler buru duen elkarteak bermatu die hedabide nagusietara iristea gehiegitan ahazten den arazo larriaren oihartzuna.
Karabanak aurten ukitu ditu lehenbizikoz migrazio klandestinoak gero eta gehiago erabiltzen dituen kostaldeko herriak, Oaxaca eta Chiapaseko itsas hegiak, Salina Cruz, Puerto Madero, Barra San José... Juchitánen geldialdia egin dute lehorreko arrisku eta bortizkeriei izkin egin eta AEBetaraino itsasoz iritsi nahian itota hil diren migratzaile identifikatu gabeen hobi komunean.
Barra San Joséko hondartzan agertu ziren itota joan den uztailean hiru haur migratzaile. Bertan ospatu zuen karabanak Berta Cáceres lider aborigen hondurastar asasinatu berriaren oroitzapena ere, agintariei eskatuz haren heriotza benetan ikertua izan dadila.
MMMk amaierako agirian salatu duenez, "hasi Erdialdeko Amerikako herrialdeetatik eta Mexikon barrena AEBetaraino, denetan azaldu zaigu nabarmen ugaritu direla bortizkeriak eta giza eskubideen bortxaketak Enrique Peña Nieto lehendakariak 2014an Plan Frontera Sur ezarri zuenetik, Mexikotik iristen zaion etorkin jarioa nola edo hala butxatu nahian AEBek sostengatu eta finantzaturik."
Frontera Sur planak gogortu egin ditu kontrol, zainketa, hesitze eta militarizazioa, migratzaileak behartuz bide neketsuago eta arriskutsuagoetatik saiatzera. Horietan etorkin familiak harrapakin errazak dira gaizkile, mafia eta estatuen agente ustelentzako. Azkenean, etxean utzitako bortizkeria eta goseari ihes eginez lan eta bizimodu bila esku hutsik datozen jendeen segurtasuna bermatzeko ordez, Estatuak horiek kondenatzen ditu lapurreta, estortsioa, sexu bortxaketa, gizaki trafikoa eta esklabotasuna nagusi diren infernura.
" Buscamos vida en caminos de muerte " goiburua zeraman 12. karabanak Veracruzeko Cordoban jaso zuen polizia federal mexikarraren atal zientifikoaren bisita, beren senideen arrastoak hobeto bilatzearren DNA frogak egitea eskainiz. 41 gurasoetatik 18k onartu zuten testa egitea, gainerakoak mesfidatzen direlako agenteen benetako gogoaz. Odola eman zutenetako batek, Ana Zelayak, esan zion Desinformémonos hedabideko kazetariari: "Entzuten dugun bakoitzean 'polizia federala', alergia ateratzen zaigu. Tamalez galdu baitugu haiekiko konfiantza guztia. Baina zer egin nezake. Ez dut nahi berriro orratzez zula nazaten, baina asto honen gainera igo garenez, zamalkatu egin beharko dugu".
Kazetariak ez die agenteei lanerako amorrazio handirik antzeman: "Veracruzeko fiskaltza nagusiaren ordezkariak, larunbat honetan lana egitea egokitu zaien burokratak, kazetarioi lekuko izatea eragotzi digutenak 'frogak ez kutsatzeko' aitzakiarekin, zikinez betetako areto batean...". Gainerako gobernadore, ordezkari, alkate eta beste agintariek ere "arazoa bideratzeko konpromisoa hartuta daukagu" agindu diete behin eta berriro dagoenekoz batere sinesten ez dieten gurasoei.
Interes-amaraun ilegal oso bat
2011tik %330 ugaritu dira klandestinoki datozen etorkinen atxilotzeak Mexikon. Arazoa da poliziaren kontrolaren jomuga ez dela hainbeste trafiko ilegalean ari diren gaizkileak harrapatzea, legez kanpo dabiltzan familia txiroak baizik.
Zenbait erakunde eta hedabidek azaldu dute azken aldian poliziaren operazioetan parte hartzen dutela beste hainbat interesdunek ere, eskualde horietako guarda pribatu eta taxizaleek, autobus konpainiek eta txoferrek, trenbideetako funtzionarioek... horrela gizenduz migrazioaren inguruan puztutako industria kriminala.
Joan den azaroan Guatemala-Mexiko mugako Giza Eskubideen Nazioarteko Behatokiak bildu ditu eskualde horietan ari diren elkartasunezko talde eta erakundeen esperientziak. Ikerlan batean aipatu ditu 600 lekukotasun, emakumeen, iheslarien eta migratzaileen kontra erabilitako lapurreta eta bortizkeriak kontatuz.
Mugako baserrietan bizi diren mam, quiché, q'anjobal, kakchiquel, tseltal, tsotsil, tojolabal, zoque eta chol etnietako hainbat jendek kontatu dizkiete kasuok elkarrizketetan. Giza uholdeak berak eta hori kudeatzen duten mafiek nahasten baitituzte pasabideko herrietan bizi direnak ere, lehendik dauzkaten arazo handiak –nekazaritza tradizionalaren hondoratzea, meatzaritza eta energia konpainiek eragindako lur lapurreta eta kutsadura...– are larriagotuz.
Hala eta guztiz ere, iheslariok bidean aurkitzen dituzten herritar txirook dira agintariek ez bezala laguntzen dietenak, askok modu inprobisatuan, batzuek ahal duten moduan antolaturik. Famatua egin da Veracruz estatuko Guadalupeko Las Patronas emakume taldea, 1995tik gaurdaino herri hura La Bestia merkantzia trenean igota zeharkatzen duten jendeei jan-edana ematen saiatzen dena. Egunero 300 otordu inguru eta urez betetako botilak botatzen dizkiete gelditu gabe pasatzen diren bagoien gainean doazen iheslariei.
MMM elkarteak honela laburbiltzen du Erdialdeko Amerika eta Mexiko osoa desestabilizatu dituen trafiko ilegalaren mamia : "Ondo dakigu zein negozio handia suertatu den azken bost hamarkada hauetan beren jaioterrietatik kanporatutako eskulan esklaboaren salmenta adostua, hauxe dela trafikoa sustatzen duten herrialdeetako kapital handiaren enpresen benetako balioaren eta aberastasunaren iturria. Aldi berean, jendeok kanporatzen dituzten gobernu titere inkapaz eta traidoreei trukean uzten diete atzerrira joandakoen remesak [familiei bidaltzen dizkieten hileroko diruak] jasotzearen kontsolagarria. Horra Merkataritza Libreko Itunek eragindako politika ekonomikoek bi herrialdeei lagatzen dizkieten ondorioak".
Ez dirudi Donald Trumpek, emigrazioaz agindu dituen politikekin, asko baretu behar duenik Erdialdeko Amerikako giza-kontrabandoaren infernua. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.