id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-391977244d77
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/zer-gerta-ere.html
Zer gerta ere
Estitxu Garai Artetxe
2015-12-13 00:00:00
Zer gerta ere Trantsizio faltsuaren ur uherrak goia jo du. Gero eta nabarmenago ageri da Espainiako Estatuaren bilbadura dekadente eta narriatua. Zimendupean ustelkeria, injustizia, pertsona eta herrien eskubideen ukapena daude. Areago, gehiengo absolutuaren mailukadaz eta krisi ekonomikoaren itzaletan, duela berrogei urte egiteke geratu zitzaizkion zenbait erreforma ilun abian jarri ditu Alderdi Popularrak (PP) . Une batez bazirudien –inguruotan ilusio ñimiño baten printza pizteraino– egitura herdoildu hori goitik behera jaustear zegoela; trantsizio-epea etor zitekeela. Baina ilusio hitzak ez ditu alferrik bi adiera, eta, tamalez, Espainiatik datozen albiste politikoetan beti gailentzen da bigarrena: sentimenez hautematen denaren interpretazio okerra. Birrintzear egotetik galbanizaziorako bidea topatu du statu quo ak. Gainbeheraren gidari eta ikur nagusi den alderdi-bitasunak neurri-neurriko makuluak topatu ditu ezkerretik eta eskumatik (zentroa katamalo hartuta). Alderdi berriak, aurpegi berriak, baina, finean, 78ko izpirituaren jarraipena. Hauteskunde orokorrak hurreratu ahala, gero eta garbiago dago ez dela aro konstituziogile zintzorik irekiko. Gehienera, pintura-eskualdi bat itxaron dezakegu, kirurgia estetikoko operazioaren antzeko zerbait. Litekeena da, ostera, emaitzek ufada zentralizatzaile ultrakontserbadore bati bide egitea. Estatu higatu horretatik alde egiteko abiagunean daudenentzat hauteskunde ondorengo agertokia aldi berean izan daiteke arrisku eta abagune. Batetik, aldaketa-gosez eta gobernu zentral berriak dezepzionatuta, independentzian har dezakete aterpe orain arte aukera hori garbi ikusten ez zuten zenbait katalanek. Horretarako parada eskainiko luke prozesu konstituziogile bereizia garatzen hasteak, betiere Kataluniako estatu-proiektua haustura demokratikoarekin behar bezala uztartzen jarraituz gero. Bestetik, ordea, argi dago Moncloako gobernu berriaren helburu behinena Kataluniako sua itzaltzea izango dela. Saiakera neutralizatzailea askotarikoa izan liteke: ukazio eta errepresiotik elkarrizketa irekitzeraino. Lehenengoa, ukazioaren jarrera, sua haize bidez amatatzen jarraitzea litzateke. Bigarrena, berriz, eraginkorragoa izan daiteke itzaltze lanetan, eskaintza erakargarri bidez, deskonexio-adierazpena sinatu duten eragileen artean kontraesanak sortzen ahaleginduko baitira. Une horretarako gertu –alegia, hurbil eta prest– egon beharko dute alderdi independentistek. Zoritxarrez, prozesua enegarren korapiloan dago. Hariak askatu bitarteko egoera da, hain zuzen ere, Espainiatik etorriko diren oldarraldiei aurre egiteko posiziorik ahulena. Inork ez zuen esan erraza izango zenik tartean dauden bi mutur antagonikoek, ezker antikapitalistak eta eskumako neoliberalek, batera zerbait eraikitzea. Bada, aurrera egiteko, herria egitea eta estatua eraikitzea izan beharko da lehentasuna. Biek ala biek asmatu beharko dute nola uztartu prozesuaren hobe beharrez zenbait kontutan malgutasunez jokatzea eta norbere ideienganako gutxieneko koherentzia mantentzea. Soka alde batera gehiegi tenkatuz gero, atzerabueltarik ez duen apurketa gerta liteke. Ez da horretarako garaia. Zurrunbilo mediatikoak beste tokietara begira mantentzen gaituen arren, fokutik kanpo dagoen Euskal Herrian ere aukera berriak zabaldu daitezke. Erabakitzeko eskubidearen lurra ereinda mantendu beharko da, zer gerta ere.
news
argia-b42c18f7a517
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala.html
Integrazio politiken porrota
Ane Irazabal
2015-12-13 00:00:00
Integrazio politiken porrota Italian zein etorkizun daukate asilo politikoa eskuratzen duten errefuxiatuek? Bruselatik bidaltzen den dirua ez doa iheslarien beharretara. Turingo esperientzia egin behar ez denaren adibidea da. Olinpiar kirolarien egoitza izateko eraiki zen, baina gaur egun 1.000 errefuxiatu baino gehiagoren bizitokia da. Turingo MOI edo merkatu ohia, huts egindako gentrifikazio prozesu baten irudi garbia da. Bertako eraikin abandonatuak 30 herrialdetatik ihes egindako gazteek okupatu dituzte. Saharaz Hegoaldeko errefuxiatuak dira gehienak, emakumeak, gizonak eta haurrak. Udaberri arabiarrak eztanda egin zuenean amets europarrari ekin zioten. Lau urteren ondotik, askok babes politikoa eskuratu dute, baina bizitza berri bat hasteko aukera ukatu diete. Bishara Txadekoa da eta 2011n iritsi zen Libiatik Italiara. Integrazio programen porrota salatu du: "2013an amaitu egin zen iheslariei laguntzeko iristen zen dirua, eta egun batetik bestera, kalean aurkitu ginen. Gehienei ez ziguten italiera erakutsi eta erakunde publikoek euren ardurari iskin egin zioten". Hala, Turinen trabatuta zeuden ehunka iheslarik erabaki zuten 2006ko neguko olinpiar jokoetarako eraiki ziren instalazio abandonatuak okupatzea. "Diru publikoaren kudeaketa ilunaren isla dira", azaldu du Niccolò Vasile ekintzaileak, "eraikinak korrika eta presaka eta kalitate txarreko materialak erabiliz eraiki ziren, beraz, olinpiar jokoak amaitzean inork ez zituen apartamentuak erosi nahi izan". Vasilek italiar askori buruan dabilkion galdera plazaratu du: nora joan da 2011n errefuxiatuei harrera eskaintzeko bideratu zen laguntza europarra? Ekintzaileak badu erantzunik: "Afrika Iparraldeko Larrialdia izeneko programa martxan jarri zenean Italiako Gobernuak hainbat elkartez osaturiko partzuergo bati eman zion errefuxiatuei laguntzeko diruaren kudeaketa. Diru hori desagertu egin da". Apartheid sozialaren aurka Horrenbestez, kirolarien egoitza ohia autogestio proiektu bat bilakatu da. "Turingo Udalaren eta eskualdeko gobernuaren laguntza, ura eta argindarra ordaintzera mugatzen da. Ur hotza, hori bai". MOIko eraikinak zatika erortzen ari dira eta apartamentu bakoitzak mundu bat islatzen du. Diru pixka bat aurreztu duten familiek sukalde elektrikoak, ur-berogailuak eta garbigailuak dituzte. Beste batzuek, berriz, soilik lurrean jarritako koltxoiak".  Edifizio bakoitzaren beheko solairuan, errefuxiatuek hainbat zerbitzu martxan jarri dituzte, besteak beste jangela, zapata-denda eta informatika gela. 30 ekintzaile italiarrez osaturiko talde batek laguntza eskaintzeko bulegoa ireki du: "Aholkularitza legala eskaintzen duten abokatu batzuk ditugu, italiera eta ingelesa ikasteko eskola zabaldu dugu eta gida-baimena eskuratzeko ikasgaiak ematen ditugu. Halere, guretzat lehentasuna da iheslariei lana bilatzen laguntzea", adierazi du Vasilek.  Boluntarioei oso garrantzitsua iruditzen zaie iheslariak gainontzeko hiritarrengandik ez isolatzea: "Turingo herritar askorentzat hobe litzateke errefuxiatuak ez ikustea, baina guk ez dugu apartheid soziala bultzatu nahi. MOIaren ghettizazio prozesuak biziki arduratzen gaitu". Izan ere, eremu guztia poliziaz eta militarrez inguratuta dago. Vasileren aburuz, "bizilagunen aurrean erakutsi nahi dute ordena publikoa eta segurtasuna bermatuta daudela, baina segurtasun indarren presentziak tentsioa areagotzen du".  Legezko esklabotza Bisharak uste du pobrezia, langabezia eta integrazio falta eskutik doazela: "Ez dugu Italian geratu nahi, baina zeharo blokeatuta gaude. Hemen eskuratu dugu asilo politikoa, beraz, hemen bizitzera derrigortu gaituzte. Arazoa da oso zaila dela lana aurkitzea. Europan zehar bidaiatzeko baimena badaukagu, baina soilik hiru hilabetez eta turista gisa". Vasilek ere gogoz kritikatu du Europako integrazio politiken malgutasun falta: "Gazteak nazkatu egiten dira egun guztia ezer egin gabe egoteaz. Askok alde egiten dute, baina beste herrialde batera iristean bueltan ekartzen dituzte edo klandestinitatera igarotzen dira". Zorte gehiago dutenek behin-behineko kontratuak lortzen dituzte uzta bilketetan. Kiwiak Piemonten, sagarrak Trentito-Adigen, tomateak Apulian eta laranjak Calabrian. Eguneko batez-beste 30 euroren truke, MOIko errefuxiatuek Italia zeharkatzen dute unean uneko fruituak eta barazkiak jasotzeko. "Krisi humanitarioa hasi zenetik okerrera egin dute lan baldintzek. Lurren jabeek soldatak jaitsi dituzte, baina lanorduak handitu. Badakite errefuxiatuak edozer gauza egiteko prest daudela", adierazi du Mohamed izeneko etorkin marokoarrak. Mohamedek hamar urte daramatza Italiako eskualde gehienetan uztak biltzen eta ez zaio egungo egoera gustatzen: "Errefuxiatuak barrakoietan bizi dira eta baldintza jasanezinetan lan egiten dute. Ezkutuko legezko esklabotza da". Bishara ados dago: "Ez dakit beste aukerarik ba ote dagoen, nik ez dut ikusten. Asilo politikoa eskuratu nuenean ziur nengoen dena errazagoa izango zela, halere, esplotazioak eta miseriak bere horretan jarraitzen dute". Nolanahi ere, Italian alarmak piztu dira azkenaldian. Iragan abuztuan lau errefuxiatu hil ziren Apulian mahatsa biltzen ari zirela intsolazioak jota, eta giza eskubideen aldeko erakundeek Erromako gobernuaren laguntza eskatu zuten. Saluzzon, Piemonteren bihotzean, proiektu berri bat jarri da martxan boluntario italiarrek errefuxiatuen lana ikuskatu eta gehiegikeriak sala ditzaten. Iheslari gehienek, ordea, aspaldi galdu zuten bizitza duin bat izateko esperantza. Bisharak argi dauka: "Europak huts egin digu. Ametsa, amesgaizto bihurtu da".  Eta Europara iristean zer? :  http://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-3 Euskal Herrian ere zail dute errefuxiatuek :  http://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-2
news
argia-f6082769d2f8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/durangoko-azoka-itxi-ostean-kontuak-egiteko-ordua.html
Durangoko Azoka itxi ostean, kontuak egiteko ordua
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-12-13 00:00:00
Durangoko Azoka itxi ostean, kontuak egiteko ordua Durangoko ajearekin hasi du astea euskal kulturak: joan da 50. edizioa eta balantzea egiten hasiz gero buru adina aburu izango dira. Gauza batzuk ordea, nekez eztabaidatuko dizkizu inork. Edukiz betea Identitate-krisia bizi izan zuen Azokak beroaldi ekonomikoko urteen hondarrean. Kontsumo hutsa? Eta jendeak erosteari uztean, zer? Ahotseneako ekimen paraleloek bete dute edukiz ostera azken urteetan. Horrek salbatu du. Ez daitezela erosleak falta Euskal kulturgintzan dihardutenentzat Durango urteko kontuak txukuntzeko aukera da. Azokaren foku mediatikoak hurbiltzen ditu euskal kulturari urrunetik begiratzen diotenak ere: orain kontuak egitea tokatzen da. Pribatuan, mesedez Azokaren inguruan antolatutako solasaldiek zeresana eman arren, Durangoko eztabaida kultural interesgarrienak Landako eta Plateruena atzean utzita gertatzen dira, Palentzia aldeko taberna koxkor batean, izenik gogoratu nahi ez dudana.
news
argia-0779cb5f3360
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/zinema-eta-krispetak-1929an-ezkondu-ziren.html
Zinema eta krispetak 1929an ezkondu ziren
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-12-13 00:00:00
Zinema eta krispetak 1929an ezkondu ziren 1929ko Wall Streeteko porrotak eta ondorengo krisialdi ekonomikoak batu zituen zinema eta krispetak. Lehenago, arto lehertua kalean jateko ohitura zabaltzen ari zen, baina zinema mutua elitistegia zen oraindik, mokadu xumea aretoetan baimentzeko. Film soinudunei esker,  zinema nabarmen jendarteratu zen, baina krisia izan zen krispetak aretoetan sartu zituena: zinema denbora-pasa merkeenetakoa zen, artoa ere merke zegoen, eta krispetak oso erraz prestatzen dira.  Harremana Bigarren Mundu Gerran estutu zen, azukre eskasiak jokoz kanpo utzi baitzituen gozoki eta freskagarriak. Orduz geroztik binomioak telebista izan du etsai, eta mikrouhin labea aliatu.
news
argia-3e7a98bf5551
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-3.html
Eta Europara iristean zer?
Martin Mendizabal Garai
2015-12-13 00:00:00
Eta Europara iristean zer? Errefuxiatuen gaia komunikabideetako lehen lerroetatik baztertu den arren, Europara milaka lagunek ihes egiten jarraitzen dute. Urtea hasi zenetik 800.000 errefuxiatu inguru heldu dira Alemaniara; Italian iheslarientzat bideratutako dirua ez da iritsi eta ziurgabetasun egoeran bizi dira; Euskal Herrian, traba ugari aurkituko dituzte hona iristen direnek. Hiru errealitate horiei heldu diegu. Hassan Siriatik dator eta hamaika hilabete daramatza Alemanian. Siriako hiriburu Damaskon emaztea eta bi semeak utzi zituen. Schierling-en izan gara berarekin, Regensburg hiritik 20 bat kilometrora dagoen 7.000 biztanleko herrian. Duela urtebetetik hainbat errefuxiatu bizi dira bertan, eta horietako bat da Hassan. Damaskon inprenta baten jabea zen, baina bonbardaketa batek enpresa eta etxea txikitu zizkiotenean ihes egin behar izan zuen. Europara iristeko pasatakoak kontatu dizkigu: "1.500 euro ordaindu behar izan nituen beste 33 pertsonekin hamar baino eraman zitzakeen plastikozko ontzi batean Turkiatik Greziara iristeko. Bidaiaren erdian motorea hondatu egin zen eta Greziako armadak erreskatatu gintuen". Beti giza trafikatzaileen menpe, herrialde heleniarraren eta Mazedoniaren arteko muga bost aldiz igarotzen saiatu ondoren Serbia, Hungaria eta Austria zeharkatu eta iritsi zen Alemaniara. Herri txikia izanik, Schierlingek ez dauka Alemaniako beste hainbat tokitan dauden errefuxiatuak hartzeko eraikin handirik. Momentu honetan etxe pribatu batean bizi da Hassan, beste 19 siriarrekin batera. Schierlingera ailegatu berri direnekin fenomeno hau oso ohikoa dela esan digu Uschi Grandelek. Bera errefuxiatuei laguntza eskaintzen dion  elkarte batekoa da, baita Alemaniako Euskal Herriaren Lagunak-eko arduradun eta Partizan Travel-eko kide ere. Asilo eskaera egin dutenak etxe pribatuetan hartzea diru iturri bilakatu da hainbat herritarrentzat. Babariako Gobernuak errefuxiatuak hartuz gero jabeei pertsona bakoitzeko egunean 15 eta 30 euro tartean ordaintzen die: "Etxe batean 20 errefuxiatu sartzen badira hilabetean 9.000 eta 18.000 euro artean irabaz dezakezu –esan digu duela 15 urtetik Schierligen bizi den Grandelek–; herriko hainbat lagun bankuei etxeak erosteko kredituak eskatzen ari da: negozio borobila da". Siriara itzuli nahi duen galdetuta, Alemaniak herrialdean gelditzeko eman dion aukeraz eskertuta dagoela erantzun digu Hassanek: "Gu ez gara sofan eserita egotera etorri, gu lan egiteko gogoz etorri gara". Integrazioa, ordea, ez da batere erraza izan Hassanentzat. Edonola ere, eguneroko bizikidetzak herritarren aurreiritziak apurtzen lagundu du: "Gaur da eguna bizilagunekin erlazio ona daukadana eta elkar laguntzen duguna". Hassani asilo eskaera berriki onartu diote. Momentu honetan gobernuak antolatzen duen aleman kurtsoarekin has daiteke, "orain arte soilik Schierlingeko laguntza taldeak antolatzen zituen kurtsoetara joan nintekeen". Beste hainbat siriarrek jada lortu dituzte paperak eta gainontzekoek, Grandelen ustez, denbora gutxi barru eskuratuko dituzte. Baina asilo eskaera aztertu bitartean ezin dute ez lanik egin ezta estatuak antolatzen dituen klaseetara joan ere, eta horrek egoera gogorrak sortzen ditu, errefuxiatuen aldeko aktibistaren esanetan. Lehen eta bigarren mailako migratzaileak Denek ez dute Hassanen zorte bera izan. Schierlingera iritsi ziren lehen errefuxiatuak Etiopiakoak ziren eta deportatuak izateko arriskuan daude. Schierlingen, Balkanetako herrialdeetatik iritsitako errefuxiatuak ere bizi izan ziren eta herrialdetik kanporatu zituzten. Txetxeniar familia bat Schierlingen urtebetez izan ondoren deportatu egin zutela esan digu Grandelek: "Txetxeniara iristean errepresio handia jasan zuten. Poliziak gizona atxilotu zuen eta ez dakit emakumea bizirik ote dagoen ere". Babariako estatuan deportazioetara bideratutako bi etxe daude: bata Bambergen eta bestea Manchingen. "Erregistro zentroak" direlakoetan, groβekoalition edo koalizio handiaren –CDU Alemaniako alderdi demokristauak, eta CSU eta SPD alderdi sozialdemokratek osatua– esanetan, herrialde germaniarrean gelditzeko "perspektiba gutxi" dutenak eta "gerrarik ez dagoen" herrialdeetatik datozen asilo eskaeradunak pilatzen dituzte. Gutxienez halako beste hiru etxe eraikitzeko proiektuak onartu berri ditu gobernuak. Hala, hainbat hilabetez luzatzen ziren asilo eskaeren erantzunak hiru astetan erabakita izango dituzte hemendik aurrera. Emilia Müller CSUko politikariak esan du "politikoki jazartuak ez diren errefuxiatuak" herrialdetik kanporatuak izango direla –gehienak Balkanetako herrialdeetakoak dira, %40 estatistiken arabera–. Alemaniako eskuina itsututa dago gerrak eta krisi ekonomikoak bultzatutako migratzaileak desberdintzen, hau da, errefuxiatuak mailakatzen. "Lehen mailako" migratzaileek –gehienak siriarrak eta klase ertainekoak– ikasketak dituzte eta herrialde germaniarrak interesa du horiengan. Statista estatistika atariaren arabera, gaur egun Alemaniako populazioaren ia laurdenak 60 urtetik gora dauka eta 2030ean zazpi milioi erretiratu izango ditu herrialdeak. Alemaniako Banku Zentraleko presidente Jens Weidmannek esana da "errefuxiatuen eskulan merkea" beharko dela etorkizunean ongizate ekonomikoa mantentzeko. Azken hilabeteotan CDU eta CSUren arteko tentsioa areagotzen ari da, baita barne mailan ere. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hain famatua egin den "Wir schaffen es" (Guk ahal dugu) lema behin eta berriro errepikatzen ari da, hau da, Alemaniara etortzen diren errefuxiatu guztiak hartzeko ahalmena dutela. CSUko presidente Horst Seehoferek eta CDUko Barne Ministro Thomas de Maizierek esan dute ezin dela jende gehiago onartu. Migrazioaren gaiarekin uzkurragoa den CSUtik, berriz, hesi bat eraikitzea espekulatzen ari dira. Herritarren iritziak ere polarizatzen ari dira: gero eta gehiago dira immigranteen aldeko ekimenez gain, diruz, arropaz edota janariz laguntzen dutenak. Egun, arazoa ez da bolondres falta, lagundu nahi duen jendea koordinatzeko zailtasuna baizik. Baina aurkako iritziak ere gero eta nabariagoak dira: duela hiru urte Europar Batasuna eta Euroaren aurka dagoen AfD alderdi eskuindarrak %5eko indarra zuen, bada egun bikoiztu egingo lituzke emaitzak, Alemaniako hirugarren indarra izateraino. Austria eta Alemaniaren arteko mugan Schärding eta Salzburgeko kanpalekuetan Austriako armadako soldaduak ikus ditzakegu muga zaintzen. Duela zenbait astetik egunero milaka errefuxiatuk igarotzen dute Austriaren eta Alemaniaren arteko lerroa. Hasieran, errefuxiatu gehienek Alemania, Suedia edota Norvegia zituzten buruan, orain Austria ere asilo eskaera ugari jasotzen ari da. Lagun askok jada bidaiaren zati gogorrena igaro dute. Gurutze Gorriko eta Caritaseko kideak laguntza humanitarioa koordinatzen ari dira, baina hala ere kaos handia nabari da kanpalekuetan. Bidaian bizitakoak, mesfidantzak edota hizkuntza ezin ulertzeak asko zailtzen dute harremana. Mattar Gazatik dator, duela bi hilabete anaiarekin Israelen okupaziotik ihesi Palestina uztea erabaki zuen. Emaztea eta bi seme utzi ditu, baina behin Europara iritsita, familia ere hona etortzea pentsatzen ari dira. Bere helburua Belgikara iristea zen eta gurekin egon eta hiru egunetara Bruselan zegoen. Bidea ez da batere erraza izan: erbesteratu eta egun gutxira Israeleko armadak bere lagunik onena hil zuen. Turkiara iristeko bisaren bila Egiptora joan ondoren, hegazkinez iritsi zen Istanbulera: "Istanbulen giza trafikatzaileak edozein tokitan aurki ditzakezu: hoteletan, jatetxe edota komertzioetan". Milaka migratzailek bezala, Mattarrek plastikozko ontzi batean zeharkatu zuen Turkia eta Greziaren arteko muga. "Bidaiaren prezioa ontzian jende gehiago edo gutxiago joan ahala merketzen edota garestitzen da: trafikatzaileek eskaintzen dizuten ontzia plastikozkoa eta segurtasun gutxikoa bada 600 eta 1.000 euro artean ordaintzen duzu, hobeagoa bada, 3.000 eurotik gora". 2.000 euro ordainduta, 10 pertsonentzako lekua zuen plastikozko ontzi batean bidaiatu zuten beraiek, beste 40 lagunekin: "Europara datozen errefuxiatuen %99ak ontzi merkeenak aukeratzen ditu, horregatik hiltzen dira horrenbeste" dio Mattarrek. Giza trafikatzaileek labanak eta armak zituzten, eta Mattarrek eta anaiak nabigatzen zekitenez, ontzia gidatzera derrigortu zituzten. Trafikatzaileek Mattarren anaiari gainean zeraman guztia uretara bota zioten, mugikorra, ordenagailua eta dirua, besteak beste. Greziarako bidean ehunka ontzi ikusi zituztela ere kontatu digute: "Uretan hilotzak ikusten genituen, baina gindoazen baldintzetan ezin genuen ezer egin". Greziako Mitiliniki irlara iritsi zirenean masifikazioa handia zela diote palestinar gazteek. Kanpamentuan, herrialdean 15 egun egoteko baimena eman zieten, baina errefuxiatu gehienak ez dira hor gelditzen, hurrengo egunean Mazedoniarako bidea hartzen dute. Hassan siriarraren iritzia partekatzen du Mattarrek: "Merkel jarrera egokia izaten ari da errefuxiatuekin. Gu Alemaniara lanera gatoz, ez etxean ezer egin gabe egotera. Errefuxiatu askok ikasketak dituzte: medikuntza, zuzenbidea, ingeniaritza… Hori baliatuko dugu alemaniar ekonomia indartzeko". Orain Alemaniara eramango dion autobusa hartzeko zain dago, bizitza berri bat hasteko azken aurreko geltokian. Errefuxiatuen krisi globala: Integrazio politiken porrota Euskal Herrian ere zail dute errefuxiatuek
news
argia-f67b5685848f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/beste-40-urte-eta-gero-hau.html
Beste 40 urte eta gero hau
Jon Alonso
2015-12-13 00:00:00
Beste 40 urte eta gero hau Gure bizitzetan beti lagundu, laguntzen eta lagunduko digun eslogana da, zinez. Ez dut ezagutzen frustrazioa hitzetan paratzeko beste esaldi egokiagorik. Lehen sintomak Madrilen eta Espainian nabaritu ziren, maiatzeko erreboltariak eta beren ahots matxinoen mezuak papereratzen zituzten luma berriak, Franco hil zenean jaiotakoak asko (urte bat gora, urte bat behera), trantsizio demokratikoa deiturikoa iruzur hutsa izan zela susmatzen hasi zirenean. Haiek baino askoz beteranoagoa den batek, Vincent Navarrok, laburbildu zuen ezinegona askotan errepikatzen duen sintagma bakar batean: "La (in)modélica transición". Gero, hurbilagora etorrita, batena eta bestearena irakurriz, ikusi genuen trantsizioa bluff bat izan zelakoa ez dela grisen aurretik korrika gogoratzen dugunon irudipena bakarrik. Ramon Zallok, esaterako, euskal politikak trantsizioaren preso segitzen duela iritzi dio ( Berria , 2015eko azaroaren 22a), trantsizioak utziriko "eredu demokratiko ahularen" ondorio kezkagarrienetako bat izan dela, hain justu, "giza eskubideen degradazioa"; Francisco Etxeberriak, aldiz, dio trantsizioan ez zela ezer ukitu eta jarraitu dutela gauza berberak edo oso antzekoak egiten, eta ondare nazkagarri horrekin bizi garela: Barne Ministerioan jarraitzen duela diktadoreak; Miguel Sanchez Ostizek frankismoak utzi duen politika ulertzeko modu autoritario eta antidemokratikoa islatzen dela gaur egun ere esaten du, frankismo garaiko ideiek gizarte oso bat "zipriztindu" dutelako eta hori belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jaso delako. Gaur estatu polizial batean bizi garela dio, are gehiago, iraganetik askatu ezin den herri bat dela gurea, eta ezintasun hori lotzen du trantsizioan gertaturikoarekin, azken frankismoko politikari gehienek jarraitu zutelako: UCDrekin, Fragarekin, alderdi sozialistarekin... Eta politikoen atzean klase sozial oso bat zegoelako. Ez da ohikoa, ordea, Francisco Etxeberriarenak bezalako hitzak entzutea, autokritika baterantz abiatutakoak: "Nik ere sarri neure buruari galdetzen diot non egon nintzen une jakin hartan, zer pentsatzen nuen, zer esaten... Zoritxarrez denok dugu inpregnazio hori". Askoz ohikoagoa da trantsizioaren garaian hausturaren alde egon zirenei autokritika egin dezatela eskatzen dietenen ahotsak entzutea, etengabe, gaur bai eta bihar ere bai. Denok egin beharko dugu autokritika, noski; erregimen berriari zilegitasun guztia berehala eman eta beste berrogei urte gehiagoko frustrazioa eragin dutenek ere bai, nik uste.
news
argia-bc7d3cd13cfb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/harrapatuta-gaude-ei-eta-potentzia-handien-estrategien-artean.html
Harrapatuta gaude EI eta potentzia handien estrategien artean
Pello Zubiria Kamino
2015-12-13 00:00:00
Harrapatuta gaude EI eta potentzia handien estrategien artean Bake usainik batere ez inondik. Estatu Islamikoa urratsez urrats betez doa Ipar-Mendebalde aberatsa desestabilizatzeko bere agenda eta, haren aurrean, potentzia handiek ez dute erabili nahi Afganistandik hasita Maliraino antzua dela erakutsi duen jazarpen militarra baizik. Baretzeko ordez, gordintzera egingo du gerrak. Artez ari da Estatu Islamikoa mendebaldarrokin jokatzen: artez trebeki, eta artez gu bere artean, tranpan erorarazten. "Estatu Islamikoa bere planaren 'bigarren fasean' sartu da. Siria eta Iraken hala-moduzko kalifatoa ezarrita, orain Mendebaldea kitzikatzen du honek ero moduan erreakzionatuz bere burua hondoratu dezan. Zepo horretan erortzen ari dira politikari gogorrak". William R. Polk da horrela mintzo Falling into the ISIS Trap analisi luzean. William R. Polk (Texas, 1929) nazioarteko harremanetan aditua dela esatea gutxi da: 1962an Kubako misilen krisiak ia gerrara eraman zituenean AEBak eta Sobiet Batasuna, Polk aholkulari zegoen John F. Kennedyk gatazka kudeatzeko antolatutako kabinetean. 2014ko ekainean Polkek beste analisi sakon batean ( Understanding Islamic Fundamentalism ) azaldu zuen zein den Estatu Islamikoaren estrategia, aipamen berezia eginez bere ustez hori laburbiltzen duen liburu bati. Honen titulua ( Idarah at-Tawhish ) ingelesez Management of Desolation itzuli dute, euskaraz "Suntsiketaren kudeaketa" emango lukeena. Ez dago garbi bere egile  Abu Bakr Naji gizon bakarra den ala ezizen hori darabilen komite bat. Funtzionario yanki zaharraren ustez, EIk egun gutxitan Parisen, Maliko Bamakon, Beiruten eta Egipton –hegazkin errusiarra leherraraziz– burutako sarraskiekin lortu du nahi zuena. Frantzia, Errusia, AEBak eta enparauek ekin diote kanpaina militarrari EI desegiteko. Gisa honetako kanpaina militarrek ematen dutena ikusita dago aurretik Afganistanen, Iraken, Libian eta beste hainbat lekutan. "EIk ikasi du lezioa –dio Polkek– baina antza denez gure liderrek ez". Hasteko, gerra asimetriko hau asimetrikoa da kostuetan ere. EIren borroka nahiko merkea da. Landa eremuetan finkatu direnez, zafratuak direnean sakabanatu egiten dira eta ezkutatu, aukera berrien zain. Aldiz, gizarte industrializatuetan hiribildu handietan bizi garenok ezin dugu horrelakorik egin. Haiek koste gutxirekin kalte handia egiten digute, eta guk haiei oso min gutxi sekulako dirutzak gastatuta. 2001ko irailean islamistek mila dolar gastatuta 2.000 heriotza baino gehiago eta seguruenik 100.000 milioi dolar baino gehiagoko galerak eragin zizkieten AEBei. Parisko sarraskiak ez zitzaizkien askoz garestiago aterako azaroaren 13an. 2011n Al Kaedak bezala, EIk oraingo erasoekin aurreikusi du mendebaldarrok bonbaka erantzungo diegula. Milioika jendek ihes egingo dute, baina are gehiago geldituko dira lekuan bertan eta gure txikizio itsu masiboek herritarrak EIren besoetara eramango dituzte. Mendebaldarrok diru asko xahutzen dugu eraso militarretan, pleinitzen da Polk, baina gutxi jendeen bihotzak gureganatzen. "Ez baitugu oraindik ulertu zer  den gerrillen gerra bat". Napoleonek Espainia inbaditu zuenean, XIX. mendean, ezin zuen ulertu nola ez zieten ongi etorririk egiten espainiarrek. Absolutismotik askatzera iritsiak ziren arren –beren ustean– soldadu frantsesak, gerrillariek eta populazioaren gehiengoak ez zuten haiengan ikusten armada atzerritar zanpatzailea baizik. Napoleonek beranduago idatziko zuen gerrillari iberiar haiek suntsitu zutela bere proiektua. Estatu Islamikoak badauka agenda Dio William R. Polkek hiru etapa aurreikusten dituela EIk bere estrategian. Lehenean, etsaia umiliatu, kaosa zabaldu potentzia atzerritarrak eta haien esku-makilak nekatu eta ero arazteko, gerrillariek agintea efikaziaz nola erabili ikasten duten bitartean. Bigarren fasean, txikizioa zabaldu –gaztelaniaz norbaitek "propagación del salvajismo" itzuli du–. Eskala txikiko erasoak Asian, Afrikan edo Europan. Orain ikusten ari garena. "EIren estrategak espero du AEBak eta gurutzatuak [potentzia atzerritar jentilak] kontraeraso militarrean abiatuko direla, horrela lagunduz jihadaren hedatzeari, milaka gazte erresistentzian parte hartzera bultzatuz". Jihadistek potentzia handiak lotsaizun uztean hauen errepresaliak piztu nahi dituzte, jatorrizko biztanleen eta atzerritarren arteko etena sakondu eta segurtasun gastuak handitzeko. Kostuan datza gakoa. Ez da kasualitatea turismo eta aisia lekuak eraso izana udazken honetan. Malin, Bamakoko hotel famatu bat. Hegazkin errusiar bat leherrarazteko, Sinaiko (Egipto) Sharm el Sheij bakantza gunetik zetorrena. Parisen, modako diskoteka, ostatuak... Horien oihartzuna ikaragarria izan da, kolpetik Mendebaldean herritarrek lehentasun nagusitzat segurtasuna jarri dute. Jihadisten jomugak ugariak direla ohartu gara. Estatuen instituzioak, bankuak, zentral elektrikoak, zentral nuklearrak, merkatal guneak, antzerkiak... Horiek denak behar badira babestu, segurtasun gastuak tiroaren abiadan handitu dira. Bat batean, gehiago murrizteko ez bazen ukitu ezin zen gastu publikoan atal bati mugak kendu zaizkio: armada eta segurtasunean edozein salbuespen onartuko da, Frantzian erakutsi dutenez. Estatu Islamikoa, horrela, hirugarren fasean sartzeko moduan dago, "gizarte borrokalaria" edo kalifatoa eraikitzeko fasean. Estatu Islamikoa zoro banda bat dela uste dutenek hobeto begiratu beharko dute beraien jabegoan hartu dituzten lurraldeetan darabilten politika; hurrengo Net Hurbil en gehiago horretaz. Beraz, Europa, AEB eta Errusia pixkanaka barnatuz doaz lehen ere nozitu duten panoraman: Napoleon muturrez aurrera sartu eta erori zen bezala Espainian, japoniarrei Txina inbaditzean botika beretik eman zien Mao Zedongek, antzekoa Ho Chi Minhek Frantziari eta AEBei Vietnamen, oro bat afganiarrek errusiarrei... Hori gutxi balitz, Ipar-Mendebaldeko potentzia handiek ez dute lortzen Estatu Islamikoaren kontrako fronte bakarra antolatzerik, beren aliatutzat dauzkatelako... justu EI sortu eta diruz lagundu duten potentzia txikiagoak. Nafeez Ahmed aditu britainiarrak azaldu du zergatia "NATOk babesten du Estatu Islamikoa" artikuluan: "Mendebaldea terrorea sustatzen duten errejimen musulmanen mende dago, horien beharra duelako Ekialde Hurbilean, Mediterraneoan eta Asiako Erdialdean dauden petrolio eta gasak eskuratzeko". William R. Polk ez da baikorra bere 86 urteekin: "Zoritxarrez, iruditzen zait abiatu garela beldurrez, haserrez, ezbeharrez eta oinarrizko askatasunen galeraz betetako hamarkada bat edo gehiagoren bidean".
news
argia-22b819ff3afb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/pp-ciudadanos-beste-lau-urterako-harresia.html
PP-Ciudadanos, beste lau urterako harresia
Xabier Letona
2015-12-13 00:00:00
PP-Ciudadanos, beste lau urterako harresia Espainiako hauteskundeak ez datoz iragan maiatzean aurreikusten ziren moduan, ez espainiarrentzat, ez euskaldunentzat. Ekainean udalak eratu zirenean, PP kanporatzea egiazko aukera gisa ikusi zen. Ezkerreko fronte zabalen esperientziak aldaketaren aukera gizendu zuen. Madril eta Bartzelonan posible izan bazen, zergatik ez Espainian? Eskuinak beti ikasten du azkar eta gainera bitarteko asko ditu. Nor elikatu behar da PP gainbehera badabil? Katalan independentistei El Cid Campeadorren ezpatarekin aurre egiten dien Albert Rivera eta Ciutadans, horra aukera on bat. Pentsatu eta egin, horra Podemos eskuindarra. Botere ekonomiko handiei ez die halako axolarik Rajoy edo Rivera den, ezta gehiegi Sanchez bada ere. Iglesiasek urduri jartzen ditu, ordea. Baina dagoeneko gutxi. Ezusteko handirik ez bada, Podemosen eta PSOEren emaitzek ez dute emango PP eta Ciudadanos gainditzeko beste. Euskal Herritik begiratuta, aldaketaren egarriz, esperantza apur bat egin izan dugu: bakeari behingoz ate bat irekitzeko, LOMCE bazterreratzeko, lan erreforma gehiago saihesteko, gerra abentura berriei uko egiteko, Katalunian negoziaziorako ate bat ireki dadin… Bada ez, denak adierazten du gai horietako askok PPren eta Ciudadanosen itun-harresiarekin egingo dutela topo. Hauek gainditzeko esperantza gutxi da, baina gehiengo osoa lortu ezean, izan daiteke periferiako botoak oraingoan ere erabakigarri bihurtzea. Euskal Herriko emaitzei begira PPk eta PSOEk beti dute uzta hobea Espainiako orokorretan Euskal Herrikoetan baino, baina inkestek oraingoan ez dizkiete emaitza onak ematen. Joerak ere ez. Azken 20 urteetako emaitzarik txarrena eskuratu zuten 2011n. PSOEk 5 eserleku lortu zituen Hego Euskal Herrian, 4 EAEn eta 1 Nafarroan. PPk EAEn 3 eta UPN-PPk 2 Nafarroan. Nafarroan eutsiko diote seguruenik, baina EAEn ez dago batere argi: CISeko sondeoak 2 eserleku ematen dizkio PPri eta beste 1 edo 2 PSE-EEri. Gainbeheran datoz biak, baina ez da erraza irudikatzea zartakoa hainbestekoa izan daitekeenik. Espainian aparretan dabilen Ciudadanosekin, aldiz, inkesta gehienak bat datoz: ez du eserlekurik lortuko. Euskal Herria desberdina da, Ciudadanosek ez, baina Ahal Duguk bai. Bost eserleku aurreikusi dizkio CISeko inkestak, lau EAEn eta bat Nafarroan. Roberto Uriarteren dimisio eta guzti halako emaitzak lortuz gero, oso onak lirateke. Nafarroan CISek ez du diputaturik ikusten Geroa Bairentzat (Koldo Martinez). Oso posible da, hala ere, eserleku hori lehian ibiltzea EH Bildu eta Ahal Dugurekin. EAJri eta Bilduri ere 2011n emaitzen antzekoak iragarri dizkiote hainbat inkestek. EAJk hala espero du (5 eserleku), baina EH Bildu pozarren legoke 6 eserleku lortuko balitu (2011n 7). Gehitxo dirudi, batez ere Ahal Dugu hor dagoela ikusita. Siglak batuta edo bakarka gehiago?     Politikan sarri egiten den galdera da eta oraingoan Nafarroak erantzun beharko du, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak zerrenda bateratua osatu baitute Senaturako. Lehia izango dute UPN eta PPrekin, baina maiatzeko hauteskundeetako datuekin erkatuz gero, gobernuko indarrek aise irabazi beharko lukete (Aldaketa 160.352 boto  / UPN-PP 105.994). Esperimentua borobilduko zuketen Kongresurako ere elkarrekin joan izan balira, baina Geroa Bai eta Ahal Duguk hasieratik adierazi zuten bakarka joango zirela. Indar handietatik EH Bildu izan zen aukera horri ateak zabaldu zizkion bakarra. EAEn ere hala izan zen. Hainbat pertsona ezagunek ezkerreko hautagaitza bateratua eratzeko proposamena ez zen aurrera atera, baina oraingoan ere EH Bilduk agertu zuen proposamenarekiko interes handiena. Ez da harritzekoa: batetik, ez du erraza 2011n eta 2012an erdietsitako emaitzei eustea; bestetik, etorkizuneko begirada ezkerreko indarren aliantzan edo indar metaketan du, bai alternatiba instituzionalari begira, bai garapen sozial eta nazionalari so. Barne erronkak, ordea, ez dira makalak, alderdien koalizioaren egungo egituratik beste batera igaroko baita. Gaur egun, sozialdemokraziatik,  antikapitalismo zorrotzeraino biltzen du; eroso bizi diren klase ertaineko sektore zabaletatik krisiak ondo jotako bozemaileetara. ETAren ondorengo aro hasi berrian, ez du samurra izango horri guztiari koherentziaz eta batasunez eustea.
news
argia-b15352a91fcf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/zaputzak-gerran.html
Zaputzak gerran
Ramon Etxezarreta
2015-12-13 00:00:00
Zaputzak gerran Neure inguruetara begiratu, erreparatu, eta maiz fortunatzen zait zaharrenetakoa izatea. Ez da hau inork izan dezakeen sentipenik gozoena eta itxaropentsuena, ez mikatzena ere, galdutako hainbeste federen artean ilusioa eta bizipoz apur bat, oraindik ere, sentitzeko kapaz denarentzat. Hogei urte nituen diktadorea hil eta haren diktadurapetik ateratzen hasi ginenean; hogeita hiru, lehenbiziko aldiz, estranjeriako eta ametsetako herrialde inbidiatuetan bezala, neure botoa eman nuela; demokrazia genuen. Geroztik hona dozena bat hauteskunde nagusi ezagutuko ditut abenduaren 20koekin. Hutsik egin gabe eta hautu militanteak beste hauturik egitea eragotzi gabe, baina behin edo beste ez bada zalantzarik gabe, eman izan dut botoa ondorio ez beti gogokoenekin. Hala ere, inoiz ez naiz damutu emandako eta egindakoez. Gero berandu izaten da egindakoaren pena eta damuak eraginkortasunik izateko. Lurrindu ez diren orduko ametsak dezente aldatu zaizkit, baina gogorik eta guztiontzako ongizate nahia eta horretarako tresna egokien beharraren sentipenik ez zait falta, ez nuke huts egin nahi nire esku leudekeenetan. Ez daukat lehengo federik ez jendearengan, ez prozeduretan, ez ia ezertan. Handik atera eta etxeko terrorismoaren diktadurari kontra eginaz bozkatu dut berrogei urtean. Prezio garestia izan du horrek, lapurreta, ustelkeria, eskubide urraketa ugari, tortura... eta hala ere politikan fede izan dugu eta politika, horren alternatiba ezinbesteko zela uste izan dugu, hori uste nuen ordaina. Joan zaigu gure azken diktadura eta akituta harrapatu gaitu momentuak. Dena emango zigula espero genuenak ez gaitu ase. Euskara politikatik atera behar omen da, bizikidetzak politika gainditu behar omen du, ez omen da berdintasunaren eta parekidetasunaren erabilera politikorik egin behar, oroimena berreskuratzea obligazio moral bat omen dugu, ez politikoa, sektarismoa interes politikoa omen, hautu politikoari ez omen zaio erreparatu behar. Ez dakit zergatik ez duten garbi esaten politikak enbarazu egiten diela eta debekatzea hobe dugula. Demokrazia zail eta konplikatua egiten zaie, deserosoa, eta apaiz ohiak eta apaiz-keriak jabe egin dira gurean, jende ona, jende zintzoa, baina ez demokrazia zaleak eta demokrazia praktikatzaileak, politikak gogaitu egin gaituela dioten arima jaleak. Eta hauteskunde bat gehiago, bipartidismokoek proposamen zehatzak egin beldur, populismoak bereizten lanak zeren alde edo zeren kontra dauden, eta gure abertzaleak itxoiten proposamen zehatza definitu ezinik baina bizirik mantentzen dituen haserrearen garrari piztuta eutsi nahian. Gerra jarduna aldatu da, gerra sartu digute hezurretaraino, gerran sartu gaituzte, sartu gara, gerran gaude...
news
argia-b3684ca05ad4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/erremontea-eraberritzea-gazteen-esku.html
Erremontea eraberritzea, gazteen esku
E�aut Agirrebengoa Apaolaza
2015-12-13 00:00:00
Erremontea eraberritzea, gazteen esku Erremontisten koadroari begiratua ematea aski da erremontea gaztetzen ari dela ikusteko. Izan ere, profesionalen erdiak ez ditu 25 urteak gainditzen. Horien artean daude Josetxo Ezkurra, Endika Urrutia, Endika Barrenetxea, Ander Goikoetxea, Imanol Ansa eta Ibai Martirena, erremontearen habia den Galarreta frontoian solaskide izan ditugunak. Kirol honen berezitasunez, krisiak eragindako filosofia aldaketaz eta jendea erakartzeko zailtasunez mintzatu zaizkigu. Urruti gelditu da 80 eta 90etako goraldia. Urruti frontoi bete eta apustu etengabeen zoramena. Mende berriari gainbehera zantzuekin ekin zion erremonteak, baina oraindik erremontisten artean oparotasuna nagusi zela. Pilotari asko soilik erremontetik bizi ziren, eta ez edonola. Alabaina, krisi ekonomikoak harekin guztiarekin amaitu zuen. Apustuak jada negozio ez zirela, erremontea bideragarritasun oro galdu zuen. Urteak aurrera joatearekin batera egoerak okerrera egin, eta 2010ean galzorian izan zen, Euskal Jai-Galarreta enpresa kudeatzaileak ateak itxi zituenean. Honen lekukoa Oriamendi 2010-ek hartu zuen, baina geroztik bost urte igaro direnean, erremonteak ataka estuan jarraitzen du. Kinka larrian, baina orain dela urte batzuk ez bezala, itxaropentsu. Izan ere, belaunaldi berri bat sartu da erremontean, kirola gaztetzeaz landa, aldaketa haizeak ekarri dituena.  Gazte horiek ez dute krisiaren aurreko luxurik ezagutu; erremontea jada egoera oso makurrean zela bilakatu dira profesional. Hori dela-eta, jokatzen hasi ahala balio jakin batzuk barneratu dituzte: kirolagatiko maitasunagatik lan egitea, kantxa barruan zein kanpoan umiltasuna mantentzea… Iraganeko moduekin kritikoa den filosofia bat ikasi dute, eta horrek, Galarretan mintzakide izan dugun seikotearen arabera,"plus bat" ematen die pilotari bezala. Erremontea, beraz, eraberritzen hasia da, eta gazteek deritzotenez, aldaketa etorkizunean gauzatuko bada, euren eskutik izango da: "Gauzek berriz ere gora egiten dutenean, gurea izango da orain barneraturiko balioak transmititzearen ardura. Hori egin ezean, orain lorturikoak ez du ezertarako balioko".  Transmisioa gerta dadin lehen baldintza da balio horiek nori igorri edukitzea. Eta badirudi uneon harrobiak bizi duen egoera ez dela onena, hainbat gaztek profesionaletara jauzi egin dutenez, jende kopuruaren aldetik afizionatu maila –profesionalen azpitik dagoen bakarra– impasse egoeran baita. Erremontista gazteen aburuz, aitzitik, egoera ez da larritzeko modukoa: "Egia da orain batik bat Gipuzkoan afizionatuak nahiko zintzilik gelditu direla, baina begirada atzera botata ohartzen zara beti gertatu izan dela antzeko zerbait. Erremontea faseka doa: gazteek debutatzean, afizionatutan hutsunea sortzen da".  Oraindik bada zer aldatu Orain, beraz, jende berria erakartzea da erronka. Nola? Seikotearentzat itaun horrek erantzun erraza du: gazteak frontoira eramanda. "Behin partida bat zuzenean ikusita, jendea liluratu egiten da. Zer esanik ez frontoiaren barrenak erakutsi, eta zesta janzten uzten badiozu". Haatik, jakitun dira erremonteak berezko hainbat oztopo dituela. Esaterako, bere ezaugarri bereziak direla-eta, gorputzarentzat ez da ona 16 urte izan baino lehen hastea. Horregatik, erremontean jokatu nahi duten gazteak aurkitzea "lan nekeza" da, adin horrekin gazte gehienak jada beste kirol batean murgildurik izaten baitira. "Gainera, erremontea hasieran kirol oso zaila da, eta horrek ere jendea atzera botatzen du. Baloi bati ematea erraza da, baina xistera kontrolatzea…". Alta, oztopo guztiak ez ditu berezko: pilotariek erremonteaz duten ikuspegiak ere kalte egiten dio sustapenari. Izan ere, sei erremontista gazteek azaldu digutenez, erremontean jokatzea ez da ulertzen profesionaletara iristeko ez bada. Horrek bi ondorio dakartza, biak ere ezkorrak: gazteentzat erremontea erakargarri ez izatea, eta afizionatutan gelditzen diren pilotariei frustrazioa eragitea, horietako askok azkenean uzteraino. "Jokabide hori iraganetik dator. Azkenaldian gauza asko aldatu izanagatik, pentsamolde horrek erroturik dirau pilotari guztiengan. Erremontea eraberritu nahi badugu, hau ere aldatu beharreko zerbait dugu: erremontera iritsi ahala gazteei zaletasunagatik jokatzen irakatsi behar diegu, ez profesional bilakatzeko nahiagatik".  Kirol "baztertua" Erremontearen sustapenaz hitz egiterakoan, erremonte eskolen lana ere ezinbestean aipatu beharrekoa da. Erremontista gehienak eskolak dauden herrietakoak (Doneztebe, Hernani, Azpeitia…) edo ingurukoak izan ohi dira, horien eraginkortasunaren erakusgarri. Gazteek garbi dute: eskola gehiago irekita erremonteak "zentzu guztietan" egingo luke gora. Haatik, gauzak ez ei dira horren errazak, "enpresak ez baitu dirurik horrelako inbertsioak egiteko". Hori horrela, federazioaren inplikazio eza deitoratu dute: "Kirol ia guztietan eskolak sortzearen ardura federazioarena da, eta ez enpresarena. Federazioak erabat baztertuta dauka erremontea". Telebistak ere, erakusleiho mediatiko nagusia izaki, zeresan handia izan lezake erremontearen hedapenean. Aitzitik, kasu honetan ere bazter utzita daudela salatu dute, ETBk soilik esku-pilotari so egiten diolakoan. Uneon ETB4n urtean 14 emanaldi eskaintzea dute hitzarturik, baina garbi dute horrek ez duela askotarako balio: "Jendeak zein kanaletan dauka ETB4? Gainera, ordu txarrenetan emititzen dira partidak. Esaterako, ETB1en Gol festa ematen ari direnean". Irtenbide gisa partidak ostiraletan ETB1en –esku-huskako partiden aurretik– emititzea proposatu dute. Eta "parerik gabekoa" Oztopoak oztopo, seikoteak garbi dauka besoak gurutzatu eta kexaka aritzeak "ezer gutxirako" balio duela. Jarrera aktiboa aldarrikatu dute: "Gure esku dago lagun eta ingurukoak frontoira gertura daitezen animatzea". Baina zergatik aukeratu behar dute erremontea kirol askoz ere mediatikoagoen aitzinetik? Bada, gazteen iritziz, erremontea "parerik gabekoa", "berezia" delako: "Kirol gutxik dute erremonteak duen abiadura. Alde horretatik, kirol ikusgarria da, esku-pilota baino askoz ere biziagoa. Txundigarria da ikustea nola zinetika probestuta sekulako bizitasuna eman ahal zaion pilotari. Eta horretaz guztiaz jabetzeko onena frontoira etorri eta erremontea bertatik bertara ikustea da".
news
argia-cec85f9322af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/alda-dezagun-sistema-eta-ez-klima.html
Alda dezagun sistema eta ez klima
Juan Mari Arregi
2015-12-13 00:00:00
Alda dezagun sistema eta ez klima Milioika lagun ari dira mundu osoan mobilizatzen, baita Euskal Herrian ere, lurraren berotzeak sorturiko klima aldaketak mehatxaturik dagoen gure planetaren defentsan. Askoz garbiagoak eta jasangarriagoak diren energia berriztagarrien aurrean, erregai fosilak sustatzen (petrolioa, ikatza eta gasa) dituen sistemaren biktima da planeta. Etengabeko degradatzea ikusita 1980tik klimari buruzko mundu mailako gailurrak egiten dira, baina ez dira gutxieneko adostasunak lortu, bereziki AEBak, Txina eta EB buru diren industrializaturiko herrialdeen artean. Egun batzuk barru amaituko da Parisen munduko 195 herrialde bildu dituen klimaren azken gailurra. Baina beldur gara berriz ere ez ote den porrota izango, edo asko jota, "asmo onen" argazkia baino ez, duela 35 urtekoa bezalaxe. Zergatik ez da aurrera egiten sistema aldatu eta energia berriztagarriak erabiltzeko bidean? Beti bezala, arrazoi ekonomikoak daude tartean. Munduko gobernu guztien atzean multinazional handiak daude. Erakunde horiek ez ditu inork aukeratu, baina gobernuei euren energia sistema inposatzen diete. Eta gaur, erregai solidoetan besterik ez dute negoziorik ikusten. Berriztagarrien alde egingo balute, haien pribilegioak arriskuan jarriko lituzkete. Aldaketa klimatikoaz hitz egingo dute negozio-aukera bihurtzen denean (bio-erregaiak, deribatuen merkatua, hondamendientzako aseguruak, labore inteligenteak...), ez lehenago. Bitartean, aldaketa klimatikoa dagoenik ere uko egiten dute eta milioika diru inbertitzen dute euren ideiak zabaltzeko. Parisen, lobby negazionistak jo eta su ari dira, eta hala jarraituko dute gailur gehiago antolatuz, argazkia atera eta euren sistemari eusteko.
news
argia-ca2b0c813055
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/cesar-rendueles-pertsonaia-literario-bihurtu-du-kapitalismoa.html
"Patrika beteta duen ergel bat bezala bizitzea izan zen gure eredua"
Aritz Galarraga
2015-12-13 00:00:00
"Patrika beteta duen ergel bat bezala bizitzea izan zen gure eredua" Soziologoa. Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea. Ladinamo kolektiboaren sortzaileetakoa. Bi saiakera idatzi ditu: Sociofobia, aldaketa politikoa aztertzen duena utopia digitalaren garaian; eta Capitalismo canalla, kapitalismoari buruzko historia pertsonal bat, literaturan barrena. Jada ez dago hiritarrik; kontsumitzaileak gara. Eta erosketa zerrendak definitzen gaitu. Gure bizitza sozial guztia harreman komertzialen mende dago. Egia da ia gizarte guztiek ezagutu dutela komertzioa, baina gizabanakoen arteko bizitzan oso pisu mugatua duen errealitate gisa. Azken hamarkadetan, aldiz, kontsumo modu sofistikatuak agertu dira, gure izaera egituratzen dutenak: aldagarriak diren lehentasun multzo baten emaitza gara.   Komunikazio teknologiak dira horren paradigma? Kontsumismo mota osatuena dira. Konprometitzen ez gaituzten aukerak eskaintzen dizkigute. Beste aukera batzuek konprometitu egiten gaituzte: nahi duzunean abandona ezin daitezkeen erlazioak, familia, lagun, elkarte, sindikatu, alderdi politiko; ikuspuntu hedonista batetik desiragarriak ez diren prozesuak eskatzen dizkizute, negoziaketak, argi-ilunak, grisak. Eta hori kontsumoaren eremuan desagertu egiten da: nik nahiago dudana, nahiago dudanean eta nahiago dudan bezala. XX.  mendeko gatazka handien sorburuan merkatu konpetentziaren nagusitasuna jartzen duzu, eta ekonomiari eman zaion gehiegizko ahalmena. XIX. mendean pilatu ziren tentsio multzo baten ondorio dira. XIX.a, harreman kapitalisten garapena eman zen mendea, modu baketsuan bizi izan zen, Europan behintzat ekonomiaren garaipenak bazter utzi zituen aurreko mendeetako gatazka politiko eta erlijiosoak. Gatazkak periferiara kanporatzearen ondorioa izan zen, noski, kolonietara. Baina desagertu beharrean, gatazka sozial, politiko, ekonomikoak pilatuz joan ziren, eta krisi izugarri batek eztanda egin zuen, merkatu librearen idealaren ezintasunaren ondorioa izan zena. Merkatu librea ez da ona edo txarra, ezinezkoa da. Gure bizitzarekin bateraezina da. Egiatan, ez da inoiz existitu, merkatuak beti behar izan ditu estatuaren eskusartze erraldoiak, ortopedia sozial basatiak, utopia bat da. Eta XX. mendeko momentu zorioneko batzuk izan ziren utopia hori mugatu zutenak, ongizate estatua garatuz.  Lan antolaketa kapitalistak zer harreman du esklabismoarekin? Soldatapeko lana berritasun historikoa da, jendea ez da horrela bizi izan inoiz. Merkatuak agertzen hasi zirenean, lan eremu berrietan aplikatu ziren ereduak esklabotzatik zetozen: lan ez kualifikatua zen, zeregin errepikakor, zatikatuekin. Kontrakoa baitzen lan kualifikatua, artisauena, gremioena, lan zaila, baina autonomia handi bati lotuta zegoena. Ez da gauza bera esklabo izatea eta soldatapekoa, baina lerro zuzen bat dago batetik bestera.  Kapitalismoak hainbat gauza erraustu ditu, haien artean harreman sozial tradizionalak. Gauza da zein nahi ditugun berreskuratu: harreman sozial tradizionalak menderatzez, sexismoz, superstizioz beteta daude. Baina masa merkatuak eskaintzen diguna baino lotura dentsoagoa berreraikitzea nahitaezkoa da, perspektiba askatzaile batetik bederen. Halere, masa gizarteek ez dituzte denek berdin deuseztatu lotura sozialak. Berdintasun handiagoa duten gizarteek lotura sozial solidoagoak dituzte. Uste baino tarte handiagoa dugu maniobrarako. Krisi garaia, Gramsciren hitzetan: zaharra ez da hil, berria ez da jaiotzen. Baina kasu askotan krisia da normaltasuna. Kontua da ea krisitik ateratzeko kapaz izango garen. Eta ateratzekotan, ez dugu sinetsi behar gure aurrean aukera ugari izango dugula. Aukerak orain ari dira erabakitzen, gu gara norabide batera edo bestera eramango gaituzten erabakiak hartu behar ditugunak. Jokoan dago: krisia goitik ixtea, eliteen onurak mantenduz, edo zerbait berria jaiotzen laguntzea. Apatia, urruntzea, eszeptizismoa bizi ote ditugun aldaketa sozialerako prozesuekin. Neoliberalismoaren garaipenik handiena, aberastasunaren banaketa desberdin batekin batera, noski, gizartearen desartikulazioa da, gizarte zibila birrintzea. Ez da kasualitatea: herrialderik konpetitiboenak, krisia hobekien eramaten ari direnak, Finlandia, Suedia, Norvegia, Danimarka, munduko afiliazio sindikal altuena duten herrialdeak dira, %70etik gora. Bestela ez daukagu baliabiderik esku sartzeko, ekiteko, eta horrek dakar alternatiba oso zaila izatea.  Eta eliteen bizimodua imitatzeko irritsa dugu oraindik. 70eko hamarkadatik, langile klaseko milioika lagun elite ekonomikoekiko mendekotasuna zekarten proiektuak babesten hasi ziren, beren onura materialen kontra zihoazenak. Patrika beteta duen ergel batek bezala jantzi, jan, bidaiatu eta hitz egiteak irrigarria izateari utzi zion, eta gure bizitza-eredu bilakatu zen. Ingalaterra eta beste herrialde batzuetan porrot sentsazioa dago. Guk aldiz eboluzio naturaltzat dugu, eta hori porrota baino desmobilizatzaileagoa da.
news
argia-7f3b9b0cd727
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/komikilariak-errekondoren-kontsultan.html
Komikilariak Errekondoren kontsultan
Jakoba Errekondo
2015-12-13 00:00:00
Komikilariak Errekondoren kontsultan Psikotropiko hitzak "burua edo gogoa birarazi edo iraulkatzen duena" adierazten omen du grekoz. Egunerokoan hain okertuak ditugun burua eta gogoa jirabiratu eta zuzentzeko baratzea bezain langintza egoki gutxi izango da.  Marraztu duzun porrua da agian ezagunena, baina buruan eragiten duen makina bat mozkin sortzen da bai baratzean. Gero eta gehiago ikusten dira tabako-belarra, lo-belarra, asma-belarra, sorgin-belarra, erabelarra kalamua eta abar.  Simaur eta luar pilatan ere perretxiko interesgarriak hazten dira. Artabizarrak ezin ahantziko ditugu; bide horretan gaur egun baratze bueltako hortentsien loreak, gaztainondoaren hostoak, malba, ekilorea eta abar luze bat erretzen dituenik ere bada.  Psikotropikoenak, hala ere, barazkiak berak dira: tipulin edo azenario guri bat (kras-kras), perrexil ttenttea, piper min bat, ilartxo gordina, Brusela aza... Nire burua biraka jartzeko onenetakoa: uraza edo letxuga moztu berri bat. Letxugari tiraka, egungo letxuen arbasoa den letxuga basatiarekin oso osasuntsua den zigarreta egiten omen da...
news
argia-53996d75db5f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/50-da.html
50. da
unknown
2015-12-13 00:00:00
50. da Francoren diktadurapean, 1965eko azaroaren 1ean antolatu zuten lehen edizioa. 19 argitaletxek hartu zuten parte Andra Mariaren basilikako arkupean. Ordutik ez da mende erdia alferrik igaro. Euskal Herriko sorkuntzaren erakusleiho nagusietako bat da Durangoko Azoka eta euskal sortzaileentzat urteroko mugarria. Argazkia: Dani Blanco.
news
argia-b5e823f0c7d1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/garibaldi-eta-mafiaren-sorrera.html
Garibaldi eta mafiaren sorrera
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-12-13 00:00:00
Garibaldi eta mafiaren sorrera Sizilia, 1860. Giuseppe Garibaldik (1807-1882) eta haren mila gudariek uhartea mendean hartu eta, hala, Bi Sizilietako Erresuma deuseztatu zuten. Hau da, mila ator gorrik armada borboitar askoz indartsuagoa menderatu zuten. Halako balentria Italiaren batasunaren pasarte heroikoenetakoa izan zen askorentzat. Baina beste zenbaitek laguntza estraofizialari egotzi diote txikiak handia jan izana; uharteko zenbait talde armatuk Garibaldirekin bat egin zuten borboitarren aurka. Talde horiek Siziliako lur jabe handien soldatapeko kideek osatzen zituzten, jauntxoaren interesak defendatzeko eta patrikak betetzeko indarkeria, estortsioa eta mehatxua erabili ohi zutenak. Garibaldiren gudarietako batek, Ippolito Nievok, hauxe idatzi zion Bice Melzi Gobio lehengusinari Marsalan sartu eta hilabete eskasera: "Hemen iraultza apala izan da beti edo, hobe esanda, ez da inoiz existitu". Ez latifundistak ez haien  soldatapekoak ez zituen Garibaldiren kausak bultzatzen. Berez, Frantzisko II.a erregearen gobernua nahiko permisiboa zen talde horien legez kanpoko jarduerekin, betiere kontrolpean zituztela eta haien sarea zabalduko ez zela ziurtatuta. Eta Siziliako jauntxo edo capo-ak  egoerei zukua ateratzeko sena zutela erakusten hasi ziren. Borboitarrak egotzita, Garibaldik ez zuen botere hutsunea betetzeko lana beretzat hartu. Buruzagiak Erroma zuen jomuga, eta tropa frantziarrek defendatzen zuten Vatikanoa hartzea erabaki zuen. Baina Piamonteko errege Viktor Emanuelek ez zuen gatazka korapilatzerik nahi; Aita Santua eta Frantzia nahasita, ordura arte lortutakoa galtzeko beldur zen. Eta Garibaldiren erasoa geldiarazi zuen. Buruzagi militarrak men egin zuen, eta Viktor Emanuel II.a Italiako erregetzat aitortu zuen 1860ko urriaren 26an. Giuseppe Carlo Marino historialari siziliarrak Storia della Mafia (1998) lanean dionez, Garibaldi "ez zen fin ibili jarraitzaile siziliarren dohain moralak eta aurrekari moralak aukeratzean". Eta Sizilia jarraitzaile horien eskuetan utzi zuen.  Urte gutxian mesede, izu eta eragin sarea hedatu zuten uharteko eliza, udal eta negozioetan. XIX. mendea amaitu baino lehen Siziliako Mafia ondo antolatutako egitura zen, eta lehen kolpe entzutetsua jo zuen, 1893ko otsailaren lehenean, Emanuele Notarbartolo bankari eta politikaria hil zuenean. Italia jaioberrian cosa nostra lehen pausoak ematen hasi zen.
news
argia-9784230f662f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/idien-kanpaia.html
Idien kanpaia
Jakoba Errekondo
2015-12-13 00:00:00
Idien kanpaia Zenbat ordu eman ote dute gure nekazariek zerutik datorrenaren peskizan? Eta igaro beharko dituztenak. Sekula santan ez da eguraldiarekin letorkeenaren beldur hori galduko; ezkutatu, aldendu, haizatu bai, baina betirako uxatzea ezinezkoa.  Baratzeetako musika eta doinuak entzunez herriko ortuetatik bira polita osatu dugu Beran; 16. ERTZ ekimenak antolatu du, eta ikaragarri aberatsa izan da, herriero beharko lukeen eskola horietakoa. Musikariak baratzea janzten, landareen komunikazioaren doinuak, lurpeko soinuen baratzea, baratzean landatutako argazkiak, barazki gordinak hozkatu eta ahoko errotan txikitzearen kontzertu erromatarra eta ezkilak jotzea. Kanpaiak jotzea bai.  Ezkila jole laukote ederra bildu zen Kaxernako gaineko herri baratzeetan: Aramaiotik, Aixolako Lantoko Pedro Azkargorta, Aretxabaletako Areantza auzoko Etxebarriko Julen Abasolo eta Arabako Lautadako Burgeluko Boni Jausoro eta Nati Lopez de Munain. Nekazaritzari lotutako joaldiak eskaini zituzten. Bakoitzak bere ekosistemako joaldiak. Jo aurretik, dangako bakoitzaren nondik norakoak azaldu, bi kanpaien mingainei motzean heldu, bakoitza esku banatan, eta kanpai deiak dan-danba. Bertatik bertara, oilo ipurdia jartzeko modukoak; bailarari begira, hotsa nola hedatzen zen ikus zitekeen.  Garbantzu-kanpaia entzun genuen, larunbatetan jotzen dena; igandean txitxirioa ( Cicer arietinum ) jaten den eguna izanik, bezperan gogoratzea, beratzen jartzea ez ahazteko ote? Hodei-kanpaiak zerua belztu eta ekaitz beldurra denean jotzen da, hodeiak ura besterik ez zezan utz eta harria eta txingorra urruntzeko. Kanpaion lagungarri, apaizak eliz atarian konjuruak egingo ditu eta baserrietako larrainetan, sanjoanetan bedeinkatutako belar sortako ale batzuk erreko dira, pala gaineko surtako brasetan. Letxuga-kanpaia ere jo zuten, maiatzeko eta iraileko santikurutzeen artean eguerdiko angelusean jotzen dena; garai batean hori zen letxuga edo uraza ( Lactuca sativa ) izaten zen sasoia. Angelusa abemarietarako unea da, eta lana, edozein dela ere, bere horretan utzi eta errezatzera jarri behar. Idi pare batzuek ezagutzen omen zuten doinua, eta lanean ari baziren, entzun orduko geratu. Errezatzen ari zenari barre ttikia egingo zioten...
news
argia-45a663eecdfe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/anekdota-asmatuak.html
Anekdota asmatuak
Angel Erro
2015-12-13 00:00:00
Anekdota asmatuak Joseba Sarrionandiari buruzko tesia prestatzen ari den ikasle batek kontatuta dakit, hemen esan ezin dudan herrialde, bai, horretara ikertzera joan zenean baieztatu zuela Herri proiektua poema jatorrizkoa askoz luzeagoa zela, gero ezagutu dugunarekin alderatuta. Lagunak gogoratzen zituen aldaketetatik –buruz ari zen bera eta buruz ari naiz ni ere– bat kontatu zidan: Euskal Herria euskaldunez, korearrez, swahili beltzez eta eskandinaviar blondez gainpopulatzeko eskatu ondoren eta Euskal Herriari izatearenekin batera ez izatearen abantailak opa baino lehen, proposamen hau desagertua zen: Euskal Herriari bere mendeetako jantzi jator zintzoa erantzi eta anekdota asmatuez jostea berri bat. *   *   * Ezaguna da Gabriel Arestik poeta gazteagoengan izandako eragin eta maisu rola. Haietako asko joaten zitzaizkion aholku eske. Diotenez, behin Joseba Zulaikak galdetu zion (beste bertsio batzuetan Bernardo Atxaga, Jon Juaristi, edo are Iñaki –edo Patxi– Zabaletaren izenek ordezkatzen dute) bere bi poemetako zein aurkeztuko zukeen garaiko literatur lehiaketa batera. Poeta gazteak lehen poema irakurri zion. Hurrengoa irakurtzeari ekin aurretik, Aresti, eritasunak baldartu arren, besaulkitik jaikita esan zion: "Argi daukat dagoeneko. Aurkeztu bigarren poema". *    *   * Helen Mirren aktoreak bere oroitzapen liburuan agertzeko bezain aipagarritzat jotzen dituen maitaleen artean euskaldun bat dago. Mirrenek, hitz jokoa eginez, my bilbo deitzen dio beti, XVI. mendeko ingelesez "nire ezpata" esan nahi baitu, pluralez erabiliz gero –memorietan aurrera, egiten duen moduan–, berriz, "nire girgiluak", grina sexualetik dependentziaren espetxera pasatzearen aldiak adieraziz. Maitaleak utzi dueneko batean, Bilbora joan da my bilboes nonbait aurkituko duelakoan. Ez du urtea zehazten, baina 80ko hamarkadan gaude. Mirrenek ez du Euskal Herria ezagutzen, baina bai zerbait euskal musikaz. Itoiz taldearekin, esaterako, zaletu da bizkaitarrarekin egondako tartean. Izan ere, Lau teilatu ren letra –lehen esaldia– da euskaraz dakien bakarra. Bilbora iritsi berri, istilu batzuen lekuko da Helen Mirren: "Ez dut inoiz izu handiagorik pasa. Nireak eginak nituela uste nuen. Paralizatuta gelditu nintzen, nire ondo-ondotik harriek eta gomazko pilotek, edo balek, nola jakin, txistu egiten zuten bitartean". Dena amaitzean polizia bat hurbildu eta izena eskatu dio. Mirren, blokeaturik, "hemen gaude eta poztutzen naiz eta ziur zure aita ere bai" erantzuteko baino ez da gai. Atxilo eraman dute eta gauza bera komisario eta are txandako epailearen aurrean ere. Giroa berotzen doa, gizonak gero eta haserreago daude. Azkenean fiskal batek ezagutu du ( Excalibur filmeko Morgana!) eta gaizkiulertua argitu du. Helen Mirrenek azaltzen du gerora jakin duela zer esaten ari zitzaien euskaraz poliziari, komisarioari eta epaileari. Matxino begirune-gabetzat joko zuten. Une batean ez darabil hitzok inork ez ulertu izanaren hipotesia.            *   *   * Angel Erroren ohiko patxada ongi argitzen du pasadizo honek. Jakina denez, ohean eta kamisoian idazteko ohitura zuen, beti lapitzez eta beti entrega epeak gaindituta. Behin, Erro ohean idatzi artean, ezkonlaguna logelan sartu da, ARGIAtik deika eta deika ari direla herenegunerako testua noiz igorriko. Lurrean orrialde bat dago. Bizikidea makurtu eta ikusi du idazleak artikulu jenial bat osatua duela. Eskura ematera abiatu baina Errok diotso ez dela behar, lurrera makurtzeko nagiz zegoenez, beste bat idatzi duela, oraindik hobea, laguna ganberan sartu ahala amaitu berria.
news
argia-3463c2620b0f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/juan-luis-olaran-idazle-baino-lehen-sukaldaria-izandakoa.html
"Piratak itsasoan ibiltzen ziren antzina, gaur egun lehorrean geratzen dira"
Jabi Zabala
2017-10-15 00:00:00
"Piratak itsasoan ibiltzen ziren antzina, gaur egun lehorrean geratzen dira" Armintzan (Lemoiz, Bizkaia) 1945ean sortua, Juan Luis Olaran Sustatxa arrantzale, itsas gizon eta sukaldari izana da idazle baino lehen. Azkenaldion, erretiroa hartuta, hiru liburu idatzi ditu, tartean zentral nuklearraren inguruko El contubernio nuclear, Lemoiz, eta Izarra ontziaren afera kontatzen duen Izarra baltza, historia de un barco pirata aurkeztu berria. Afera biak bertatik bertara bizitzea tokatu zitzaion armintzarrari. Idazle baino lehen sukaldari, eta lehenago arrantzale eta itsas gizona. Bai, nire kasuan hala da: 13 urterekin herriko eskabetxeran lanean hasi, 15 urterekin itsasora, arrantzan, eta 16 nituela Bartzelonara, merkantzia ontzietara. Nabigatzen 25 urte eginak nituen Izarra -n itsasoratu nintzenerako. Nolatan sartu zinen Izarra petroliontzian? Ez nengoen oso konforme orduan nenbilen itsasontzian, eta lagun batek Auma ontzian sartzeko gonbita egin zidan, ondo irabaziko nuela, eta hara sartu nintzen, sukaldari. Hara heldu orduko esan zidaten "ez dakizu non sartu zaren, hau pirata hutsa da". Beraz, eskifaiakook susmoak bagenituen baina armadorearen eta kapitainaren kontuak ziren haiek. Maniobra ilunak berehala sumatu zenituen ordea. Ni Las Palmasen ontziratu nintzen Auma -n, han utzi baitzuen petrolioa, eta gero Tenerifetik gasolina eraman genuen Monroviara (Liberia). Bidaia normala izan zen hura, baina handik Kanariar irletara bueltatzeko jaso genuen agindua. Ez zirudien normala, printzipioz handik hurbil zegoen Nigeriara joan behar genuelako petrolioa kargatzera. Kanaria Handian, porturatu barik itsasoan ainguratu eta konponketa batzuk egin zituzten ontzian: tximinia margotu, ontzia desitxuratu eta izena aldatu zioten, Auma -ren ordez Izarra idatzita. Han argi geratu zen tranparen bat zegoela. Nigeriara abiatu zineten orduan. Bai, Bonny-ko portura, petrolio bila, baina hara heldu ginenean, erregistro liburuan ez zen ageri Izarra, noski, eta nigeriarrek ontzia errefusatu zuten. Kostaldetik hurbil ainguratu genuen, sartzeko baimenaren zain, baina jatekoa eta erregaia amaitzen hasi ziren. Kamerunera egin genuen orduan, armadoreak bidalitako diru apurrekin janaria erosi eta berriz Nigeria aurrera bueltatu. Nigeriarrak susmoak hartuta zeuden eta, egun batean, soldaduen patruila-ontzi bat hurbildu zen, airera tiroka. Izarra -ra igo eta ontzia arakatu zuten, arma bila. Gero portura eraman gintuzten atxilotuta. Hor hasi zen sei hilabeteko bahiketa. Abenduan estatu kolpea emana zuten, 1983ko Gabon Zaharrean, eta gu 1984ko martxoan heldu ginen hara. Gobernu berriak aurrekoaren ustelkeriak agerian utzi nahi zituen eta... José Luis Peciña kapitaina eraman zuten eta petrolio trafikoan aritzea leporatuta, heriotzara kondenatu zuten. Gu sei hilabetez egon ginen ontzian bahituta, eta berak 25 hilabete eman zituen preso. Arduradun nagusia hemen zegoen ordea. Bai, José María López Tapia zen, Letasa ontzi enpresaren jabea. Krisian zegoen sektorea orduan, horregatik sartu zen negozio lohietan. Izan ere, enpresa guztiak desagertu ziren garai hartan. Egun Espainiak ez du itsas merkataritza enpresarik, turistentzako barkuez aparte: Armas, Acciona, Balearia eta kito. Itsasoan ur handitan, zenbat pirata dago egun ere? Piratak itsasontzietan ibiltzen ziren antzina, gaur egun lehorrean geratzen dira. Lehen parte baten truke aritzen ziren kortsarioak ziren, baina ontzian doazenak langile hutsak dira orain. Ustelkeria politikoa ere tartean dago, guk ekartzen genuen petrolioa Petrolífera Ducar-ek erosten zuen Las Palmasen arazorik gabe, gerora ministro izango zen Arias Cañete hor zegoen. Beste liburu batean, El contubernio nuclear, Lemoiz , zentral nuklearraz jardun zenuen. Nortzuk nahastu ziren haren aldeko adostasun hartan? Politikari eta instituzio gehienak, hemengoak zein Espainiakoak, Bizkaiko Aldundia esaterako. Debarako beste proiektu bat egon zen baina Gipuzkoakoak atzera bota zuen. Armintzan, eta Lemoizko Udalean, zinegotzi moduan, nuklearrari aurre egin ziotenetakoa zaitugu. Denak zeuden kontra herrian? Ez, herritar gehienak alde zeuden eta ulergarria zen, lanerako aukera egongo zela ikusten zuten eta hala zen, gehienok izan genuen bertan lanean aritzeko aukera. Nik ez nuen nahi izan eta nabigatzen jarraitu nuen. Zentrala geldiaraztea herriaren garaipenarena ala ETAren mehatxuarena izan zen? Bietatik pixka bat. ETAk ikusi zuen gizartearen gehiengoa zentralaren aurka zegoela, zilegitasuna bilatzen zuen eta hor sartu zen buru-belarri. Egia da ETA gabe ez zela zentrala geldituko, baina tamalez hildakoak egon ziren eta hori ez da ahaztu behar. Bestalde, zentrala eraiki ezik azak jango genituela esan zuenak ez zuen asmatu. Nabarmen ikusi zen zentrala ez zela beharrezkoa. Orduan nuklearrak oso errentagarriak omen ziren, baina epe laburrean soilik. Zer etorkizun du eta zein nahi zenuke zuk Basorda kalarako? Lehenengo galdera zaila da erantzuten. Kultura arloko proiektuak egon dira, arrain haztegia, zentral termikoa… Ez dakit zer egingo duten. Lehengo egoerara bueltatzea ezinezkoa denez, akaso errazena harresia apurtzea eta itsasoa barruraino sartzen uztea litzateke, ergelkeriari monumentu moduan utzita.
news
argia-d1dd4c609bb0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/argia-katalunian-jarri-nahi-izan-dugu.html
ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu
Itsaso Zubiria Etxeberria
2017-10-15 00:00:00
ARGIA Katalunian jarri nahi izan dugu Lehengo astean txoko honetatik aipatu nizuen urriaren 1ean mundua bukatuko zela pentsatzen zutenei ere adierazi nahi niela egunak beti argitzen duela eta munduak aurrera jarraitzen zuela; ez nuela erreferendumaz hitz egin gura, eta Argia Egunaz jardun nizuen. Gaur ezin dut Herrialde Katalanetara begiratu gabe geratu. Nahikoa analisi eta artikulu irakurria izango zara dagoeneko, eta ez dut uste nire lau iritzik ezer hobeto ulertzen lagunduko dizunik. Ez naiz aditua ezta aritua ere horretan. Baina kontatu nahi dizut nola bizi izan dituen urriaren 1aren bueltako egunak ARGIAko lan-taldeak. Nola lehiatu diren handienen alboan minutuz minutuko albiste zaparradan. Estrategia: ...Si jo l'estiro fort per aquí, i tu l'estires fort per allà... (...Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan...). Ezin zezakeen hobeto asma Lluís Llach-ek. Guztiok batera. Batzuk handik eta besteak hemendik, elkarlanean. Lehen aldia da ia lan-talde osoa gai beraren bueltan ari izan dena, gutxi batzuk Kataluniatik bertatik, eta beste gehienak erredakziotik, eta Euskal Herrian zeudenen artean txandak banatu zituzten momenturo albistearen jarraipena egiteko. Live Blogging eguneraketa sistema erabili ohi du ARGIAk webgunean horrelako albisteen berri emateko. Sistema honek ahalbidetzen du aldi berean pertsona batek baino gehiagok albistea editatzeko aukera izatea, eguneraketa berriak di-da batean sartzea eta abar. Oraingoan ere, ordea, frogatuta geratu da komunitatearen parte-hartzearekin zenbat indartzen garen. ARGIAk urriaren 1a baino egun batzuk lehenago zabaldu zuen whatsapp zenbaki bat, Kataluniara joandakoek irudietan jasotzen zutena bertara bidaltzeko. Asteazkenetik hasiak ziren lehen mezuak ailegatzen, eta igandean informazio olatua heldu zen sare sozial horren bidez eta hainbat eta hainbat txokotako egoera ezagutu eta zabaltzea ahalbidetuz. "Bai lan-talde barruan eta, noski, bai kalean jendea borondatez lanean ikustea zoragarria da", esan dit kide batek. Gustura dago ARGIA egindako lanarekin, "merezi izan du" entzun diot bati baino gehiagori, eta webguneko eta sare sozialetako zenbakiek ere lanaren fruituak erakutsi dituzte. ARGIAk interneten daramatzan hogei urteotako bisitarik gehien jaso dugu Kataluniako erreferendumaren jarraipenarekin. Prentsa askatasunaren eta askatasun guztien alde egiten segitzeko indarberrituta atera da ARGIA. Kamixeta honekin Kataluniari buruzko informazio independentea bultzatuko duzu Katalunian indar handienez entzuten den lema, "Els carres seran sempre nostras" (Euskal Herrian "Kalea gurea da" esaten duguna) dioen kamiseta eskuratu dezakezu www.argia.eus-en dendan . 13 euro ordainduta, 2 euroko ekarpena egingo diozu Kataluniako La Direct a herri hedabideari, eta 2 euroko ekarpena ARGIAri, Kataluniako independentzia prozesua epe ertainera ere zorrotz jarraitu ahal izan dezan. Urriaren 19tik aurrera jasoko duzu etxean. Informaziorik gabe ez dagoelako demokraziarik, kazetaritzan ere sustatu independentzia! La Directa -ren bideoari esker jarriko du salaketa begia galdu zuen gizonak Herri komunikabideek testigu lana ere betetzen dute errepresio uneetan. La Directa ko kamerak grabatu zuen argiki zein poliziak tirokatu zuen gomazko pilota zuzenean begia galdu-arazi zion gizonarengana. Irudi horiek izan dira salaketa jartzeko froga nagusia. Herri komunikabideen lana oinarrizkoa den beste seinale.
news
argia-b24b8c22fd58
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/bizia-eta-tronua-xakean-irabazi.html
Bizia eta tronua xakean irabazi
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-10-15 00:00:00
Bizia eta tronua xakean irabazi Granada, 1391. Yusuf II.a erresuma nazariko errege izendatu zuten Muhammed V.a hil eta gero. Agintaldi laburrean arteak eta zientziak bultzatzen ahalegindu zen, baita barne gatazkak itzaltzen ere. Hainbat senitarteko giltzapetu eta hil zituen konspirazioak itzaltzeko asmoz. Baina alferrik, tronuan eseri eta berehala Muhammed seme gazteena buru zuen matxinadak zalantzan jarri baitzuen bere agintaldia. Ozta-ozta lortu zuen semearen saiakera bertan behera uztea. Hala ere, hurrengo urtean, 1392an, sultana modu misteriotsuan hil zen (ziurrenik, pozoituta), eta Muhammedek aukera baliatu zuen bere burua errege izendatzeko. Aitak egin bezala, Muhammed VII.aren lehen lana familia eta gortea mehatxuetatik garbitzea izan zen. Zerrendan lehena bere anaia zaharrena zen, Yusuf, aitak ondorengo izendatu zuena. Salobreñako gazteluan giltzapetu zuen anaia nagusia, Granada hiriburutik 50 bat kilometrora. Hantxe eman zituen Yusufek hurrengo hamasei urteak, Muhammed VII.ak agintean eman zituen berberak. 1408an Granadako sultana gaixorik zegoen eta, heriotza gertu ikusita, ondorengotza ondo lotzea erabaki zuen. Bere semea errege izan zedin beste hautagai nagusia, Yusuf, eliminatu behar zuen. Ez zen nahikoa gaztelu batean giltzapean sartuta egotea, eta anaia hiltzeko agindu zuen. Heriotza-agindua idatzita zeraman mezularia Salobreñara iritsi zenean, Yusuf xakean ari zen alkaidearekin. Alkaideak gutuna irakurri zuen, Yusufi erakutsi zion, eta agindua bete beste erremediorik ez zuela esan zion. Yusufek, hil baino lehen emaztea ikusi nahi zuela esan zuen. Baina azken nahi hori ukatu zioten. Kondenatuak, orduan, jokatzen ari ziren xake partida hura behintzat bukatzeko eskatu zuen. Eta alkaideak beste nahi hori onartu zion. Asko luzatu omen zen partida eta kondairak dio azkenean Yusufek irabazi zuela, alfil bat mugitu eta xake-matea lortuta. Orduantxe, anaiaren agindua betetzea besterik geratzen ez zenean, beste mezulari bat iritsi omen zen Granadatik, oso bestelako mezua eskuetan: Muhammed VII.a hilda zegoen, eta Yusuf III.a nazarien dinastiako 14. errege izendatu zuten.
news
argia-f78e7584f98b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/arrozak-eraikuntzarako-ere-balio-du.html
Arrozak eraikuntzarako ere balio du
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-10-15 00:00:00
Arrozak eraikuntzarako ere balio du Bingjian Zhang buru duen ikerlari taldeak arrozari buruzko aurkikuntza bitxia argitaratu du American Chemical Society aldizkarian. Horren arabera, duela 1.500 urte Txinan arrozez egindako orea erabiltzen zuten eraikuntzan, harrizko blokeen arteko tarteak betetzeko. Arroza karea baino eraginkorragoa zen tenperatura altuen eta hezetasunaren kontra, eta lurrikaretan ere hobeto eusten zion. Amilopektina izeneko karbohidratoak ematen dizkio arrozari eraikuntzarako egoki bihurtzen duten ezaugarri horiek. Zhangen arabera, "garai hartako mugarri teknologiko nagusietakoa izan zen".
news
argia-bcdde7fe4432
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/safia-nafa-aali-mendebaldeko-saharan-jaioa.html
"Kultur balioak babestu behar ditugu iritzi politikoen gainetik"
Miel Anjel Elustondo
2017-10-15 00:00:00
"Kultur balioak babestu behar ditugu iritzi politikoen gainetik" Sahararra da, Mendebaldeko Saharan sortua, egiazko Saharan, exodoa bizi izandakoa. Sahararra da gaur egun Gasteizen, ikastolako ama, euskaldunetara guztiz irekia, izatea bera ere partez herri honetara jarria, bere baitan harrera beroa egina euskarari eta euskaldunari. Oraintxe, telefonoz ari zinen kanpamenduetara. Bai. Whatsapp-a baino ederragorik ez dago. Zoragarria. Nomada gara, eta uste dut telefono mugikorra dela gure izateari hobekien egokitu zaion asmakaria. Ikasle nintzen garaian, Bilbon, zaila zen Saharako familiarekin komunikatzea, odisea hutsa. Eskutitzez behar zenuen, edo Aljeriako halako toki jakin batera, telefono finko batera hots egiteko hitzordua egin… Zoramena zen. Orain aberatsak gara. Kar, kar… Ez zarete aberatsak, baina sakelakoak dituzue, eta sakelakoak dituzte kanpamenduetan. Geuk bidaltzen dizkiegu sakelakoak. Antenak, berriz, aljeriarrek ipini zituzten. Horri esker komunikatzen ahal gara. Dena dela, estaldura gorabeherak izaten ditugu kanpamenduetan bertan ere. Toki batzuetan besteetan baino hobea da. Deiak etetea ere ez da gauza arrotza, alegia. Urteak daramatzazu Euskal Herrian. 1990ean etorri nintzen, azaroan. Ikasle nintzen Aljerian, batxilergoa egin nuen eta zenbait ikasle hautatu zituzten beren txosten akademikoen arabera. Aldi berean, nonbait, Gasteizko Udalak hiru beka eman zituen, eta honaxe bidali ninduten ni, beste bi ikaslerekin batera. Etorri ginenean ez genekien hitzik gaztelaniaz. Frantzisko Vitoria Institutuan hasi ginen, Helduen Heziketa Iraunkorrean, eskola partikularretan ere bai... Ekaina heldu zen, selektibitate proba egin genuen, baina ez genuen gainditu. Alegia, zientzia ikasgaiak bai, gainditu genituen; letrak, aldiz, ez. Irailean azterketa berriz egin eta gainditu genuen. Unibertsitatera sartzeko hautaproba gainditurik, zer? Enpresa ikasketak egiten hasi nintzen. Diplomatura. Hiru urte dira, baina lau behar izan nituen nik. Ez nengoen ohitua unibertsitateko gela batera sartu eta etengabe oharrak hartzen. Oso gogorra egin zitzaidan lehen urte hura. Ohitu nintzenean besterik izan zen. Ikasgaiak aise gainditu nituen azken bi urteetan. Hemen zara harrezkero. Ez, ez, hori baino korapilo handiagoa da. 1992an Saharari buruzko erreferenduma egingo zela agindu zuten, eta atzerrian ginen saharar ikasle denak itzuli ginen etxera. Botoa eman beharra zen. Ez zen erreferenduma egin, ordea. Ez, bada! Baina hura ilusioa! Sekulako poza genuen, erreferenduma egingo zela esan ziguten… eta poza hainbestekoa izan zen etsipena erreferenduma ez zela egingo jakin genuenean. Prest zegoen dena eta bat-batean, ezetz, ez zela erreferendumik. Hasteko, 1975ean Saharan zirenek zuten bozka emateko eskubidea. Marokok, berriz, harrezkero Saharan ziren marokoarrek ere botoa ematea nahi zuen. Bertako sahararrak baino askoz gehiago dira ordudanik gure lurretan diren marokoarrak. Ezinezkoa zen era horretako erreferenduma egitea. Horrez gain, seguru nago interes ezkutuak ere izan zirela erreferenduma egin ez zedin, eta egin ez dadin. Sahara lur aberatsa dela irakurria dut. Fosfatoa du, eta munduan diren arrantza-bankurik handienetakoak ditu. Hala zen, behintzat, garai batean. Orain, batzuek eta besteek erabiltzen dituzten arrantza-teknika agresibo horien ondorioz, ez dakit zer izango den. Petrolio zundaketak ere egin omen dituzte. Interes ekonomikoak hor dira, dudarik gabe. Hala ere, Sahara ez askatzeko lehen arrazoia inperioa hedatzeko monarkiek ohi duten irrits gaizto hori da. Sahara, beste gabe, lur agorra balitz, Marokok ez zukeen interesik hura bereganatzeko. Erreferendumik ez, atzera Euskal Herrira etorri zinen. Itzuli eta unibertsitatean ikasten hasi nintzen. 1998an diplomatu nintzen Enpresa zientzietan, eta kanpamenduetara itzuli nintzen. Han lan egitea izan nuen beti amets, nahiz eta hemengoak bezalako azpiegiturarik ez logistikarik ez izan han. Joan eta bertan egon nintzen, neure familiarekin bizi nintzela eta Saharako Gazteriarekin lanean, bateko eta besteko proiektuak asmatzen Espainiako Gazteria Sozialistarekin, tarteka Madrilera joanez. Hala ere, 2000. urtean Euskal Herrira etorri nintzen berriz. Zertan zen kanpamenduetako bizitza? Errutina hutsa da kanpamenduetako bizimodua, eta are eta errutina handiagokoa emakumearentzat. Nik, esaterako, bulego batzuetan egiten nuen lan. Horrez gain, familia zaindu beharra nuen, ganadua gobernatu, jatorduak egin… Lanean, goizetik arrats. Horretan nintzela, neure buruari galdetzen nion: "Horrela biziko ote naiz beti? Hau ote da neure buruari opa diodan bizimodua?". Bai, neure herriaren aldeko lanean nintzen, baina hemengo bizimodua ere ezagutua nuen ordurako, eta hango errutina zeharo gogorra egin zitzaidan. Argazkia: Zaldi Ero. Gaur egun ere horrela da hango bizimodua? Han ez dago ezer. Lehen horrela zen, eta orain ere, nahiko lan. Ez dago egitekorik. Zenbait gazte GKE-ren batekin ariko dira lanean, besteren batzuk erizain ariko dira… Baina ez dago etorkizunik. Ikasketak eginagatik ere, ezer ez. Emakumeari dagokionez, askoz ere markatuago dauka bidea, gizarteak irensten baitu: ezkondu eta umeak egin, ez du besterik. Gizonezkoak negozioa ireki ahalko du, dendatxoren bat... Baina ez dago Estatu egiturarik. Kanpamenduetako errutinan sortu zinen zu. Ez ezazu uste. Ni ez naiz luzaro bizi izan kanpamenduetan. Hasteko, egiazko Saharan jaio nintzen, eta sei urte nituela, 1977an alde egin zuen handik familiak. Desertura iritsi ginen, eta han ezer ez. Zenbait herrialdek laguntza eskaini zuten; besteak beste, Libia, Kuba eta Aljeriak, eta haraxe hainbat ume. Ni, esaterako, Libian nintzen 6 urterekin, ikasten. Ikasleok bi urterik behin etortzen ginen etxera, udako. Horrela ibili ginen 1984 arte. Urte horretan, Gadafik akordioren bat egin zuen Marokorekin –horrelakoxea baitzen Gadafi, noiz alde batera, noiz bestera–, eta gu Saharako ikasleok Libiatik atera eta Aljeriara eraman gintuzten. Barnetegian zineten ikasle. Bai. Libiako barnetegian 85 saharar ginen ikasle. Aljerian, 50. Ez dut Libiako oroitzapen askorik, baina bai Aljeriakoak. Oso ondo moldatu ginen. Libian, txiki joan ginenez, airean ikasi genuen libieraz. Are gehiago, bi urte han eta kanpamendura itzuli ginenean, gurekin batera joandako zenbait ez ziren hasanieraz mintzatzeko gai, ahaztua zuten. Libieraz ikasi genuen, libiera itxia, zarratua. Kar, kar… Aljerian, bestalde, bertako dialektora egokitu genuen gure arabiera, eta eragozpenik gabe jarduten genuen eskolan nahiz lagunekin. Ez duzu Libiako oroitzapen askorik, baina bai Saharatik kanpamenduetara egindako bideaz. Zer edo zer. Une jakin batean, helduak zalantzan ikusi nituen, erabaki ezinik. Gure aitona eta osaba alde batetik, amona bestetik… "Datilak zuk, nik… Gu oinez, zuek…", deigarri egin zitzaidan pertsona larriek hainbeste zalantza ibiltzea. Aaiunen bizi ginen gu eta hantxe geratu zitzaizkigun aitaita-amamak, kanpamenduetara gabe. Abiatzera gindoazela, gure neba txikiak utzi egin gintuen, aitaita-amamen etxera joan zen ihesi. Gure amak gorriak ikusi zituen, marokoarrak ere bertan ziren kasik… eta, azkenean, aitaita-amamenean geratu zen neba. Neba zaharrena eta txikia, hantxe geratu ziren biak. Orain esaten diet: "Neuk izan nuen zoririk handiena!". Kar, kar… Aaiunen zineten, beraz. Bai, nahiz eta Mijek-en sortu nintzen, Mauritania aldeko mugan, baina nomada ginen, eta batetik bestera genbiltzan. Gure gurasoak 60ko hamarkadaren bukaeran joan ziren Mijek-era. Aurretik, nomada hutsak ziren. Etxea Aaiunen izanagatik ere, non edo non euria egin zuela, haraxe joaten ziren, ganaduarentzako bazka bila, ur putzuetara… Bizimodu latza. Gure aita nomada izan da, baina ez dio inori opa. Ez nomada, ez kanpamendu. Egoera aldatu beharra dago, politika bera, noiz edo noiz lehertu egin beharko du honek. Globalizazioa ere gure kontra dago. Gazteek besterik merezi dute, zer edo zer egin beharra du Fronteak [Polisarioa] edo baten batek, edo guk denok. Katalunian bezala beharbada. "Katalunian bezala" diozu? Kataluniako erreferendumaren bezperan, greba deia egin zuten Gasteizen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. Gure semeari grebarik ez egiteko agindu nion, lehengo batean Puigdemontek esandakoarekin haserre. Telebistan elkarrizketatu zuten, eta galdetu ziotelarik: "Herrien autodeterminazioaren alde zaude?", berak baietz. "2014an Kurdistanen independentziaren kontra eman zenuen bozka". "Ez naiz oroitzen", Puigdemonten erantzuna. "Eta Saharako independentziari?", "Ezezko botoa eman nion". Puigdemontek! Ez zen Kurdistanekoaz oroitzen, baina bai Saharakoari ezetz esan ziola. Semeari esan nion: "Gaur, grebarik ez!". Herri guztien autodeterminazioaren alde nago, baina "zuk bai eta nik ez", ez! Sahararra, Libian, Aljerian eta Euskal Herrian ikasia zaitugu, aski nomada. Kar, kar… Hemen egin nituen lagunengatik nago ni hemen. 25 urte ere badira, eta lagun ditut oraindik. Enpresa eskolarik ez zegoen garai hartan Gasteizen, eta nahiz eta beka hemengo udalak eman zigun, Bilbon egin nituen ikasketak, hantxe bizi nintzen. Senarra nuen ordurako, sahararra, eta Bilboko lagun batek etxea inguratu zigun Artean, Arratian. Eta hantxe bizi izan ginen bost urte. Hainbestean ikasi zenuen euskaraz. Ez dakit ikasi nuen ala ez, baina belarria, behintzat, ondo zaildua dut. Ulertu, dena! Gasteizera etorri ginelarik 4 urte zituen gure seme zaharrenak: ez zekien bizkaieraz eta hasanieraz besterik. Gaztelaniaz ez zekien. Baina, jakina, nahikoa izan zuen hilabete eta erdi Gasteizen, gaztelaniaz ere hitz egiten hasteko. Hemen egindako lagunengatik zaitugu Gasteizen, ikastolan seme-alabak, abertzale giroa bizi duzu, baita espainol giroa ere. Iritzi guztiak errespetatzearen aldekoa naiz, hori hasteko. Baina globalizazioaren aurrean, kultur balioak babestu behar ditugu, kultura, iritzi politikoen gainetik. Nork bere hizkuntza, nork bere identitatea defenditu beharra dago. Badut lagun bat euskararen kontra mintzatu izan zaidana. Nik kontra egin diot, esanez hizkuntzek aberastu egiten gaituztela, euskara aberasgarri dugula, kultur balioak aberasgarri zaizkigula, ideia politikoak zeinahi ditugula ere. Gurean, bai euskara bai gaztelania ikasteko giroan hazi ditugu seme-alabak, baina hasanieraz. Kultur balioak babestu behar ditugu denok, nahiz eta nork bere administrazio politikoa izan gustuko. Orain esateko moduan naiz. Zer esan nahi duzu? Lehen ez? Etorri ginenean ez nuela oraingo ikuspegirik. Nik ere ikasi egin dut. Elkarbizitza delikatua da hemen. Hasieran, etorri eta, lagunekin: "Espainiara etorri nintzenean…", eta beraiek: "Euskadira etorri zinenean?". Hurrena, besteren batekin: "Euskadira etorri nintzenean…", eta berak: "Tira, Espainiara etorri zinenean…". Azkenean, "Hona etorri nintzenean!", ez Espainiara, ez Euskal Herrira, "Hona!" eta kito. Hainbeste urte herrialdetik kanpora, nongoa zara? Euskal-sahararra naizela esaten diet lagunei. Urte asko daramatzat hemen, bertakotu ere egin naiz, Saharan errebindikatuko ez nituzkeenak errebindikatzen ditut hemen. Bi kulturetakoa naiz, hangoa eta hemengoa, ikaragarri gustatzen zait lagunekin irtetea, hitz egitea, barre egitea… Bestalde, badira zenbait ohitura, nire kulturakoak, gaur gero ulertzen ez ditudanak. Errespetatu bai, ulertu ez. Zorionekoa naiz bi kulturak ditudalako, hemengoa eta Saharakoa, eta nire seme-alabek ere bi kultura hauek ematen duten ikuspegiaren jabe izan daitezen nahiko nuke.
news
argia-9452e36bb118
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/katalunian-enpresa-exodoa.html
Katalunian enpresa exodoa?
Juan Mari Arregi
2017-10-15 00:00:00
Katalunian enpresa exodoa? Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko. Erasoaldiak ez du aurrekaririk, eta euskaldunoi abisu moduan, Kataluniako herritarrak beldurtu eta itotzeko ari dira aurrera eramaten. Gobernua, monarkia, tribunalak, auzitegiak, poliziak… Denak bat, herri borondatea ezagutua eta onartua izan ez dadin. Herri katalanaren eta bere gobernuaren irmotasunaren aurrean, sektore ekonomikoaren txanda da orain, bankuak buru dituztela; Moncloatik eta Zarzuelatik telegidaturiko erasoa da. Lau haizetara iragarri da Sabadell, Caixa Bank eta Gas Naturalek Katalunian duten egoitza soziala utziko dutela, eta beste enpresa batzuek ere gauza bera egin dezaketela, hala nola Codorniuk eta Freixenetek. Nazioarteko Diru Funtsa eta nazioarteko agentziak ildo beretik doaz. Testuinguru horretan, fronte mediatiko antikatalanak "izualdia" edo "enpresa exodoa" moduko hitzak erabili ditu eta Katalunian enplegua arriskuan dagoela nabarmendu. Beldurraren estrategiaren parte da, balizko independentzia aldarrikapen baten aurrean katalanak kikiltzeko. Hala ere, independentzia aldarrikatzen bada, denbora labur bat igaro ondoren enpresa eta banku horiek itzuli egingo dira, etorkizuneko errepublika horretan negozioa dutelako, profesional oso onak daudelako, lan eskua ere bai, eta euren interes ekonomikoak hor daudelako. Orain beldurra sartu behar dute, botere politikotik hori eskatzen baitiete. Ekaitza pasata eta ikusten denean presio horrek ez duela ezertarako balioko, itzuliko dira euren kontuentzako emaitza onak lortzen dituzten tokira. Kapitalak ez du aberririk, horietako bakoitzetik elikatzen da. Denborarekin ikusiko duzue!
news
argia-30603a6b158d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/doluak.html
Doluak
Haizea Nu�ez
2017-10-15 00:00:00
Doluak Ukazioa, amorrua, negoziazioa, depresioa eta onarpena. Adituek diote doluak bost fase dituela, eta ez beti hurrenez hurren. Hauxe duzu marko teorikoa: "Ez zara zu, zure marko teorikoa da". Bere horretan oso logikoa. Zure apunteetan prozesu eskematiko eta txukuna. Eta, hori jakin arte, zu –dolua zure baitatik pasatu bitartean eta zu bere baitatik–, parranda amaiezinetan murgildu zara, insomnioa sumatu duzu eta udazkeneko lehenengo suteetan erre duzu zure bizitza. Eta bizitzak, zenbait momentutan, paperezko itsasontzi baten antza hartu du. Jateko gogorik eza, ohetik ezin altxatua, lekuetara bakarrik joateko beldurra eta lotsa. Bila ibili zara, galduta, bizitzari leiho bat ireki nahian eta nagi, aldi berean. Gertutik ezagutzen zaituztenak inguruan dituzu, baina urrun sentitzen dituzu, nahiz eta bi punturen arteko distantzia beti berbera izan. Laguntza eskatu aurretik lotsa eta beldurra; ihes egingo zenuke. Nora? Burumakur zabiltza; haserre emakume indartsu eta burujabe izateko, orain, oraindik, indarrik ez duzulako aurkitu. "Badakizu denbora kontua dela", baina minaren orainak ez du ez iraganik ez etorkizunik. Azalean eta biografian daramatzazun orbainei heldu nahi diezu, haien memoriari eutsi eta konfiantza eduki. Zure marko teoriko berriaren parte da "gorpuztu" kontzeptua, eta oso apopilo abila zara zu kontzeptuak diskurtsoan barneratzen. Gertutik ezagutzen zaituztenak inguruan dituzu, baina urrun sentitzen dituzu, nahiz eta bi puntuen arteko distantzia beti berbera izan. Laguntza eskatu aurretik lotsa eta beldurra; ihes egingo zenuke. Nora? Kandelak pizten hasia zara. Etxeko sarreran aldare pagano eta heterodoxoa jarri duzu. Bi egunean behin, Palo santo errea eskuan duzula, etxeko geletan barrena borobilak marrazten dituzu airean. Badira errutinak planeatu eta erdizka betetzeko gai zaren egunak. Terapiara ere joaten zara, gau batez ero moduan hilerrira joan zinenetik zure burua galtzearen beldur baitzara. "Negar egin behar baldin baduzu, egin negar eta etzan lurrean, beherago ez zara eroriko. Lagunei zurekin lo egitera etortzeko eskatzen diezu eta ez naiz berriro hemendik pasako" errepikatzen diozu zure buruari, eta aurrean duzun lagun pazientziadun horri. Erabat gogaiturik kontzertu batera animatzen zara. Kanta batek itsasoaren botere sendagarria aipatzen dizu. Horretan sinetsi nahi duzu, jada, jainkoak, familiak eta estatuak sinesgarritasun guztia galdu dutelako. Pedalei eragiten diezu itsasorantz, errukirik gabeko euri-jasa botatzen duen bitartean. Sinetsi? Bai. Errealitate gordina jasanezina bihurtzen zaizunerako, erritoak. Bai baitakizu berriro dolutik pasako zarela eta hura zugandik.
news
argia-8a0de93e2db9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/bartzelonan-gaur-egun-ezinezkoa-da-turismo-jasangarria.html
"Bartzelonan, gaur egun, ezinezkoa da turismo jasangarria"
Lukas Barandiaran San Roman
2017-10-15 00:00:00
"Bartzelonan, gaur egun, ezinezkoa da turismo jasangarria" Turismoaren arazoa bere gogorrenean bizi duen lekuetako batetik dator Daniel Pardo: Bartzelonatik. Donostian irailaren 29 eta 30ean egin dituzten Turismoaz Pentsatzeko Topaketa Herritarretan izan da, Turismo Jasangarriaren aldeko Auzoen Asanbladako kide baita, ABTS katalanezko sigletan.
news
argia-6d9499c46629
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/estereo-bat-zur-eta-egur.html
Estereo bat zur eta egur
Jakoba Errekondo
2017-10-15 00:00:00
Estereo bat zur eta egur Suaren aldeko sukaldean, otorduak prestatzeko garrari eta otordua egiteko berotasunari duten balioa emateko sasoia da. Sua. Su egurrak sekula galdu behar ez zuen sona berreskuratzen ari da eta etorkizun oparoa du. Otordua prantatzeko ez, baina eraikinen berokuntzan gero eta ugariago ikusiko dugulakoan nago. Zura eta egurra neurtzeko neurria da estereoa. Bai, zura bezala egurra. Zuhaitzean ikusten baitute batzuek zura bezala egurra. Nafarroako herri txiki batean ederki ikasi nuen lezio hori, Sakanan uste dut. Materialetarako egokia den zatia da zura, eta materialetarako balio ez duena egurra. Materiala zurajetarako eta arotz eta zurgin lanetan erabiliko da. Egurra aldiz, hesoletarako, kirtenetarako, sutarako eta abar. Su bakoitzak bere trikimailuak eta katramilak ditu. Ez dira gauza bera ogi labea berotu, karobian kareharria erre, txondorrean egurra egosi, sagarrak erretzeko edo lapikokoa bor-bor jartzeko ekonomika sutzea, zikiroa edo danbolinkada gaztaina sutan erretzea edo abaritzaren ( Quercus coccifera ) iduriaren bero bildua. Estereoari helduta, enborrak, adakiak eta adarrak bere gordinean neurtzeko neurria da. Zuhaitzak eta arbolak eraisten direnean, bere horretan, bere borobilean osorik gihar, gizen eta azal, ahalik eta trinkoen pilatu eta metro kuboa betetzen duena, horixe da estereoa. Estereo izena grekoko στερεός hitzetik dator, eta "trinkoa" adierazten du. Egurra eta zura asko landu gabe dabiltzan lekuetan erabiltzen da estereoa: mendian, basoan, kamioietan, paper fabrikan, zerrategian... Gero landuko da: azala zuritu, kostera kendu, oholdu eta habeak egin. Horiek baliatuko dituzten aroztegian edo zurgindegian edo eraikuntzan estereo hitza ez dugu berehalakoan entzungo, zer esanik ez ebanisterian... Zenbat eta finagoa zura, orduan eta urrunago estereoa, finezia eta trinkotasuna bateraezinak balira bezala... Horrengatik ez ote da Nazioarteko Unitate Sisteman edo Sistema Metrikoan onartua?
news
argia-603b46041905
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/doluaren-sigi-sigak.html
Doluaren sigi-sigak
Iratxe Retolaza
2017-10-15 00:00:00
Doluaren sigi-sigak Juanjo Olasagarraren nobelagintzan ezagun zitzaizkigun auziek zeharkatzen dute Poz aldrebesa: desira-minak eta sedukzio-jolasak, komunitate politikoen hersturak, sexu-askapenerako zein nazio-askapenerako borroken arteko talkak, biolentzia politikoa… Nolanahi ere, kezka horiek bestelako arkitektura narratibo batean gorpuztu ditu. Urrun du Ezinezko maletak -en camp kulturaren kutsua. Urrun du T ( tragediaren poza )-ren saiakera-kutsua. Poz aldrebesa -n izan bada gogoeta-piezarik, izan bada pentsamendu teorikoaren adabakirik, baina, oraingoan orekari eutsi dio, eta pertsonaien nortasun sendo zein gatazkatsuetan datza nobelaren indarra. Joseba Aldaz eta Axi Iminizalduren arteko afektu- eta larru-harremanak ditu ardatz istorioak. Gauetik goizera Josebari Axiren zaintzaile izatea egokitu zaio (Axik memoria galdu ondoren, bihotzeko baten eraginez), eta mugarri horrek bultzatzen du bikotearen errelatoa birpentsatzera. Horri tiraka, bi maitaleen norgehiagokak, tirabirak eta konplizitateak aletzen zaizkigu, hogei urteren epe-aldian. Adinean gora egiteak ere hautaturiko bizitza-ereduaz gogoeta egitera darama Joseba, gizarte-eredu baten egonkortzearekin batera erroturikoa (instituzio autonomikoak, kontsumo-gizartea, familia-egiturak, eta abar). Besteak beste, gay komunitatearen barne-gatazkak dakartza gogora (identitate politikoaren auzia, sexu-rolak, joera misoginoak, fideltasunaren auzia…). Bide horretatik, Josebaren dolu-aroa beste dolu-egoera batzuekin solasean jartzen da: LGTB komunitatearen dolu-errituak eta dolu-oinazeak HIESAren gatazkaren aroan; Euskal Herriko gatazka armatuko biktimen dolu-errituak eta dolu-irakaspenak; eta abar. Josebaren eta Axiren artekoa, bestalde, harreman-sare batean kokatzen zaigu, lagun-minekin, lankideekin zein senideekin hartu-emanean. Afektu-sare horretan ere nortasun indartsuak irudikatzen dira: Txato, Josebaren kontzientziaren harra, eta Etika Marikaren bozeramailea; Lander, Lokarriko kidea, eta nobio-minaren ajeak bizi dituena; Begoña, Kultura Sustatzeko Zuzendaria eta boterearen trikimailuetan trebatua; eta abar. Lagun-talde horretan badira otzantzeak, harrotzeak eta desleialtasunak; baina batez ere pertsonaien hauskortasuna irudikatzen zaigu, nahiz eta zaurgarritasun hori estaltzeko ahaleginetan bizi, eta autoengainuan, autogorrotoan edota autoerrukian gozo hartu. Atzera-aurrera eta hara-hona garamatza nobelak, garaietan zein lekuetan, baina, pieza guztiak oso ongi josita daude, eta kateatzen zaitu nobelak, pertsonaien konplize isil bihurtzeraino.
news
argia-e4c9505345a0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/ur-bila-basamortuan.html
Ur bila basamortuan
Jaume Gelabert
2017-10-15 00:00:00
Ur bila basamortuan Aurtengo udaberriaren bukaera aldera testuaren egilea Palestinan izan zen, Al-Khalil (Hebron) hirian zein inguruko eskualdean. Bertatik bertara izan zuen beduinoen egoera ezagutzeko aukera, eta Israelgo Gobernuak ezartzen dizkien bizi-baldintza onartezinez oharturik, basamortuko biztanleen errealitatea ezagutarazteko asmotan kronika bat igorri du. – Oh, fuck! –Ohi baino goizago esnatu da Richard, dutxako txandan lehenengoa izateko asmotan. Gazte ingelesari ikaragarri kostatzen zaio esnatzea, altxatzeko beti azkena izaten da eta bere ibileragatik lepoa jarriko nuke checkpointera iritsi arte eldarnioan egoten dela; batzuetan (ez dut idatziko gehienetan eta are gutxiago guztietan, gaiztotzat hartuko nindukezulako) kontrolgune ilun asaldagarria zeharkatu ondoren eta guzti. Bada, gaur alferrikako lana hartu du, apartamentuan urik ez dagoelako. (H)ura da bere desesperazio iturri lehorra, eta gainerakoona, berria ezagututakoan gainerako pisukideongan zabaldu baita etsipena. Ez dakigu zer maila hartu duen hondamendiak: pisua, etxea, auzoa edo Hebron osokoa. Abu Alik, pisuko jabeak, hasiera batean handik bi ordura arazoa konponduta egongo zela esan badigu ere, azken berria da lau egun pasatu arte ez dugula etxean dutxatu edo bonbatik tiratzerik izanen. Bero ikaragarria kalean, hesteak askatzeko beharra eta eflubio dantza komunean zein logelan. The horror. ***** –Umm al Kheirra joateko eskaera jaso dugu. Norbait prest? –Luluk ez du galdera bukatzeko denborarik izan. Joxemarik eta biok geure burua aurkeztu dugu ziztu bizian, berezkoak ditugun sentimendu nobleek bultzatuta. Ez genekien nora joanen ginen ezta zertara ere, baina behintzat dutxa bat hartzeko eta, nola esanen nuke, "giro sobera kargatutik" ihes egiteko abagunea izanen genuen. Bai, egoera zailetan euskaldunak (edo) beti lehenengo lerroan (euskalduna ote naiz ni, Mallorcan jaioa eta hazia eta aldi berean euskaraz dakien gizasemea? Digresioa). "Autobusez ala oinez joanen gara?", galdetu diogu Lulu gure koordinatzaileari. Harridura marka aurpegian iltzatua zuela ikusita, ohartu gara beste ergelkeria bat bota dugula. Hebronetik 19 kilometrora bakarrik egon arren, autoek hainbat buelta eta errebuelta egin behar izaten dituzte herrira iritsi arte kontrolguneak direla eta; oinez joanen bagina geure izerdian itota edo ignizio espontaneoaren biktima hilko ginateke, Umm al Kheir bero izugarriko basamortuan dagoelako. Ez litzateke oso akabera heroikoa izanen. Beraz, Hebronen lan egiten duen umm al kheirtar batekin, Azeezekin, kontaktatu dugu eta berak hartu du gu bere sorterriraino eramateko ardura.     Polizia palestinarraren komisaldegi baten aurrean elkartzea adostu dugu. Azeez iritsi bitartean konturatu gara polizia-etxean giroa lasaia dela, oso lasaia, lasaiegia. Alde Zaharrean bizi izandako esperientzia latz guztiak buruan ditugula, balirudike beste herrialde, planeta, unibertso batean geundela. Edo akaso Palestinako Aginte Nazionala da Who doktorearen telefono-kabinan sartuta beste dimentsio baterako bidaia egin duena? Beste digresio bat. ***** –Zer ezagutzen duzue nire herriaz? –Poker aurpegia. Bidean Umm al Kheirren berri jakin dugu Azeezen bitartez. Herria 1948ko Nakbaren, hau da, palestinarren exodoaren ondorioa da. Israelgo Estatua sortutakoan, Arad basamortuan bizi ziren hainbat beduinok alde egin behar izan zuten beren guneetatik eta urtetan eta urtetan alde batetik bestera ibili ziren. 1956an Hebron eskualdeko lur horiek erosi zizkieten Yattako bizilagun batzuei, eta han bertan finkatu ziren. Artzaintzan, beduinoen jarduera nagusian, aritu ziren, eta bizimodu arrunta ahalik eta lasaien egiten jardun zuten 25 urtez, hori posible baldin bada munduko bazter honetan. Bazirudien behingoz txokoa aurkitua zutela. Baina 1981ean dena aldatu zen. Israelgo herritar batzuek erabaki zuten beduinoen lur horiek aproposak izan zitezkeela beren etxeak eraikitzeko. Hori normala da, esate baterako neronek ere askotan pentsatu izan dut pisu txikian bizi beharrean, kontxo, zergatik ez?, lorategia duen etxe batean bizi nintekeela, eta dudarik ez dut nire (ia) akatsik gabeko jarduera profesionalak soldata handiagoa merezi duela. Zoritxarrez, Nafarroako Gobernuak ez du Israelgo Estatuak bezain eskuzabal jokatzen eta gure pisu txiki baina atseginean liburuak kokatzeko Tetrixean jokatzen jarraitu beharko dut luzean, eta gehienetan galdu. Israelgo Gobernuak, aldiz, zenbait lur konfiskatu zizkien legezko jabeei, hots, beduino arabiarrei, eta Karmel kolonia eraiki zuen. Herriak zer eskatu, hura eman. Erraza, ezta?   ***** –Iritsi gara. Hau gure Herriko Etxea da. Azken urteetan bi aldiz eraitsi dute eta seguru gaude hemendik gutxira berriz saiatuko direla botatzen. – Etxearen aurrean lagun batzuk metalezko estruktura bat altxatzen ari ziren. Gehienak ez ziren arabiarrak, eta geroago jakin dugu okupazioaren aurkako judu talde bat zela. Oraindik Azeezen autoan oin bat genuela lanean sutsu eta trebe jardun dugu, euskaldunak (edo) baikara, eta Awdah lider itxurako gazte baten agindupean egitura bukatu dugu. Gero, oihal batez estali eta barruan gozo egoteko koltxoi eta kuxin koloretsu batzuez hornitu dugu. Zalantzarik gabe, euskaldunon (edo) ekarpena erabakigarria izan da denda garaiz prest egon zedin. Ameriketara iritsi ziren lehenengo europarrak eta Unibertsoko arrantzalerik hoberenak izateaz gain, jakina da Aitorren oinordezkoak oso iaioak izan ohi direla denda beduinoak eraikitzen Arabiako basamortuetan. Ostrakek noizbait frogatuko dute.     Gure ekintza gogoangarri epikoak herritar dezente ezagutzeko aukera eman digu: Ali, Ahmed, Awdah, Mahmoud... Benetan atseginak. Ez dakit zenbat litro te edan ditugun, eta afaltzera ere gonbidatu gaituzte, bi aldiz! Palestina styleko dieta. Andreek ez dute gurekin afaldu, ez gela berean izan, Azeezen emaztea lipar batez eta ama, luze, izan ezik. Hori bai, kalean gurekin elkartu diren emakumeak oso abegikorrak izan dira eta baten batekin hitz batzuk trukatu ditugu, ohiko agurrak eta antzeko formulismoak besterik ez. Irribarre atsegin batez egin ditugu topaketa hiperlaburrak. Infusioak bata bestearen atzean edan bitartean, herriaren egungo egoera ezagutu dugu. ***** –Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkaritza etorri zen, agindu asko egin eta 3.000 shekel (770€) eman zizkigun. – Gure harridurarako, Nafarroa ez da zonifikatua dagoen lurralde bakarra. Osloko akordioen ondorioz, Zisjordania hiru eremutan banatuta dago. Hasiera batean, zonifikazio horrek behin-behineko izan behar zuen, eta Palestinako Aginte (ejem) Nazionalak gero eta eskumen gehiago hartu behar zituen Palestinako Estatua sortu arte. Betiko behin-behinekotasun horiek. Ikus dezagun nolakoa den sailkapen hori:     A gunea Palestinako Aginte (benetan?!) Nazionalaren agindupean dago, eta segurtasunaz zein afera zibilez arduratzen da. Lurraldearen % 18 da, eta bai hiri nagusiak, bai beren ingurua hartzen ditu, koloniak izan ezik, of course . Teorian, israeldarrak ez litezke sar zonalde horietan, baina gizakiak oraindik ez du ezagutzen Israelgo armada ahalguztidunak sartzeko eskubiderik eta ahalmenik ez duen tokirik.     Palestinako Aginte (kar, kar, kar) Nazionalak eta Israelgo Estatuak B gunearen kudeaketa partekatzen dute. Palestinarrak eginkizun zibilez arduratzen dira eta israeldarrekin batera betebehar militarrez. Hau da, Netanyahuren neska-mutilak zonalde horretan sartzen direnean Ramallahko gobernuaren indar ausartak oroitzen dira, zera, gunearen beste puntan zerbait egin behar zutela, momentuan burura etortzen ez zaiena, baina seguru daude bidean gogoratuko dutela. Hori bai, harainoko bidaia ahalik eta azkarren egin dadila. Eremu horiek Palestinako lurren % 21 hartzen dute, eta bertan ez dago koloniarik. Nola bestela?     Israelgo Estatuak C gunearen gaineko eskumen zibil eta militar totala du, totalagoa esan nahi dut. Lurraldearen % 61 da, eta honetan bai, kolonia guztiak sartzen dira (horren inguruko zalantzarik?), koloniak konektatzen dituzten errepideak, zeinetan israeldarrek baino ezin baitezakete ibilgailua gidatu, lurrak eta "segurtasun eremuak", Harresiaren ondoko lurrak kasu. Egun 400.000 kolonok jainkoak emandako eremuan dute etxea eta 150.000 inguru palestinar, gehienak beduinoak, ozta-ozta bizi dira jainkoak oraindik kendu ez dien lur apurrean. Umm al Kheirreko biztanleei azken taldeko partaide izatea egokitu zaie. ***** –Koloniako oiloek ez dute iluntasuna ezagutzen. Guk ez dugu argindarrik. – Buelta bat eman dugu herrian, azkarra herria txiki-txikia delako. Futbol zelaia ikusi dugu, "Bartzelona ala Madrid?" galderari "Athletic de Bilbao" behin eta berriro erantzunez. Harritzekoa da zenbat dakiten Palestinan Espainiako futbol txapelketari buruz, nik baino dezente gehiago; Osasuna eta guzti ezagutzen dute. Belarrik gabeko zelaitik harri koxkor batzuk kendu ditugu, bihar partida dagoelako eta ahal dela lesioak saihetsi behar direlako, eta ondoren Herriko Etxean argazki batzuk ikusi ditugu, denbora pasan irrikan espero genuen momentua iritsi arte. Noizbait dutxatzeko desio lizuna betetzeko aukera izango genuen! Ura irudikatu dut nire gorputzaren alderdi ezkutuenak freskatzen eta xaboiaren usai goxoa nigandik kirats sarkorra uxatzen, txorrotaren azpian "Ikusi mendizaleak" abestu bitartean; oilo ipurdia jarri zait pentsatze hutsarekin. Baina, oh, fuck! , ezin izan dugu gure ametsa bete, herrian ez baitago ur korronterik eta elementu likidoa oso urria eta preziatua da hemen. Okupazioaren beste ondorio anker bat da.     Mahmoudek azaldu digu Israelgo Estatuak C guneko biztanleen oinarrizko beharrak bete beharko lituzkeen arren, kolonoenez baino ez dela benetan arduratzen. Are gehiago, baldintzak zailtzea beduinoak beren lurretatik aterarazteko estrategia bat da, eta horregatik, adibidez, arabiarrek ez dute ur korronterik, ezin dute dagozkien lurretan eraiki eta argindarra baldin badute, beduinoek beraiek erositako sorgailuari eta eguzki panelak jartzeko Alemaniako laguntza programa bati esker da. Beste estrategia batzuk dira, adibidez, dirua eskaintzea herritik ateratzearen truke edota zuzenean etxeak eraistea eta familiak kalean (beno, kalerik balego) uztea. Lehen aipatu bezala, bulldozerrek Herriko Etxea bi aldiz bota dute, soldaduek eta beren kolore eta neurri guztietako armek babestuta. Bai eraitsitako Herriko Etxea bai suntsitutako beste etxe batzuk Europar Batasunaren laguntzaz eraiki ziren. Gora nazioarteko kooperazioa!     Hala ere, ez dut argindarrarena erabat sinetsi, herriaren gainetik goi-tentsioko kableak pasatzen baitira. Gezurretan harrapatzeko asmoz, Mahmoudi galdetu diot zer diren kable horiek. "Kolonia ikusten duzu?". Nola ez, herria eta kolonia elkarren ondoan baitaude, hesi batek banandurik. Kolonoren bat footing egiten ikusi dut, besteren bat txakurra ateratzen. Noizbait beduinoena izandako lurrean eraiki dutenak itxura atsegina du, urbanizazio modernoarena, erretiratuak bertan bizitzeko ideala. Lasaitasunaren oasia ematen zuen kolono baten Ak 47 edo Cetme edo dena delakoa ikusi dudan arte. -Bada, kable horiek koloniatik kolonoen oilo haztegira joaten dira. Guk ez dugu argindarrik.  -Oilategiraino ibili gara eta egia da, ezin izan dut Mahmoud hutsean harrapatu. ***** –Ez ezazue uste berehala lokartuko zaretenik. Gaur gauean mintzatu eginen gara, barre eginen dugu eta agian dantzatu eta guzti eginen gara. – Horrela mintzo zaigu Awdah. Trebeziaren trebeziaz eta inon den lanez eraiki dugun dendan eman dugu gaua. Zorionez, eta batzuen uste maltzurraren kontra, ez da erori. Awdah eta Ahmedekin solasean aritu gara eta lehertu arte egin dugu barre gaueko ordu txikietan. Dantza egiteko saiakera bat ere izan da, baina horretan geratu da, jainko guztiei eskerrak, neka-neka eginda nengoelako. Oso gazte atseginak dira eta ez dute gure kiratsari buruzko aipamenik egin. Estimatzen da. Laurok elkarrekin egin dugu lo. Alde txikiagatik izan bada ere, zurrungaren lehian euskaldunok (edo) nagusi. ***** –Ura itzuli da. Dutxatu gaitezke. – Goizean goiz esnatu gara eta inguruan buelta bat eman dugu eskolaraino. Herrian esan digute unibertsitario asko daudela herrian, Hebronen ikasitakoak. Eta egia ematen du, behintzat gurekin dauden ia guztiek karrera edo graduren bat ikasi baitute, edo horretan ari dira; ikus-entzunezkoak, ingeniaritza, filologia eta irakasle-ikasketak dira ezagutu ditugunak. Hamad heldu den urtean Londresera joanen da Zuzenbidea ikastera, beka bati esker. Esan digu bukatu bezain pronto herrira itzuliko dela, ikasketak burutu nahi dituelako herrikideen baldintzak hobetzen laguntzeko. Auskalo zer ekarriko ote dion etorkizunak.     Eskolatik bota gaituzte azterketak egiten ari zirelako eta gure presentziak arreta galarazten omen zielako ikasleei. Bale, bagoaz. Bidean artzain batekin egin dugu topo eta elkarrizketa bizia izan dugu, hark arabieraz eta guk ingelesez, konturatu arte berak gure ingelesa guk bere arabiera bezain "ongi" ulertzen zuela; beraz, arabiera-euskara izatera pasatu da solasaldia. Esan nahi nuke munduko herri zapaldu guztiok hizkuntza berbera dugula, hau da, elkartasunarena, edo horrelako lema epiko-poetikoren bat bete dela, baina egia berdaderoa da ez diogula elkarri deus ulertu. Eta hala ere denbora dezente eman dugu keinuak egiten, interpretatzen saiatzen eta sekulako azalpenak ematen.     Bazkal ondoren futbol partida ikusi dugu, arratsaldeko 16:00etan! Imajinatzen ahal duzu futbol partida bat sauna batean? Bada, horrelako zerbait antolatua zuten. Beharrik duela urte batzuk belauneko lesioa izan nuen, suizidio kolektibo saiakera horretan parte ez hartzeko aitzakiarik ezin hobea izan baita. Joxemarik ez du aitzakiarik asmatzen minutu bakar bat ere galdu; kamera eskuan, eserlekutik altxatu eta irudi batzuk hartzen hasi da. Etxeko taldeak irabazi du, noski. Bestalde, Luluk hots egin digu eta, besteak beste, dutxatu berri zela kontatu digu. Richard ere dutxa hartzekoa omen zen, siestatik esnatutakoan. Inbidia bekatu txarrenetakoa omen da eta gu bekatari handiak gara. Badugu ura pisuan. ***** –Itzuliko zarete? Esaiezue zuen lagunei hona etortzeko nahi dutenean. – Despeditzeko ordua iritsi da, Hebronerako bidea hartu behar baikenuen. Mesedez itzultzeko esan digute eta guk baietz, itzuliko garela. Gurekin elkartu diren lagunak benetan maitagarriak eta atseginak izan dira,  hunkitzeko punturaino, are gehiago bizi duten egoera ezagututa. Eta ez nuke palestinar guztiak (edo, esate baterako, Amazoniako indigena guztiak, edo arbizuar guztiak une orotan) superfantastikoak direla dioen topikoa adierazi nahi, baina egia da gurekin izan diren beduinoek gustura baino gusturago sentiarazi gaituztela. Nolanahi den ere, batez ere bueltatuko ginateke nazioarteko ordezkarien presentzia beharrezkoa delako Umm al Kheirren; horrela jakinarazi digute herriko biztanleek. Ziur dira edozein momentutan bulldozer israeldarrak etxebizitza gehiago eta Herriko Etxea berriro eraisten saiatuko direla. Zoritxarrez, litekeena da Europa edo Ameriketatik etorritako lagunak izanda ere, etxebizitzen bukaera aurrekoen antzekoa izatea; baina, aktibisten testigantzari esker, injustizia hori ez litzateke isilpean gordeko, edo isilpe absolutuan ez, behintzat. ***** –Atera zaitez komunetik, Richard! Go out! Dutxatzeko ni lehena! Ez, nik gehiago behar dut, hautsa gorputzaren zulo guztietan sartua dut eta! – Oihuka eta prakak jaisten hasiak sartu gara pisuan Joxemari eta biok, dutxan lehenago nor sartuko zen lehia gupidagabean buru-belarri. Oilo-ipurdia, freskotasuna, usain goxoa, plazeraren plazera, akabosea ... "Mutilok, CPTkoek hots egin digute Mahmounn atxilotu dutelako", izan da Luluren agurra. Merkatuan atxilotutakoan, soldaduak bere etxera joan dira anaia txikiaren bila. Zorionez mutikoa ez zegoen han, baina militarrek familiarrak mehatxatu dituzte: esan diete gutxien espero dutenean itzuliko direla, Mohanned harrapatuz gero hil arte jipoituko dutela, eta senideak ere egurtuko dituztela. Eskatu digute faborez gaua beren etxean pasatzeko, benetan ikaraturik daudelako. Goazen lehenbailehen. – OH, FUCK !
news
argia-0b8b6d695516
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/parisera-gaueko-trenean-joan-nahi-dut-berriro-aht-okerrago-datorkit.html
Parisera gaueko trenean joan nahi dut berriro, AHT okerrago datorkit
Pello Zubiria Kamino
2017-10-15 00:00:00
Parisera gaueko trenean joan nahi dut berriro, AHT okerrago datorkit Trenbide sarearen heriotza programatuari aurre egiten saiatzen diren taldeen artean, badira bidaiatzeko sistema ustez zaharkituaren biziberritzea aldarrikatzen dutenak. Gaueko trenak etorkizuna duela uste dute erabiltzaile, sindikalista eta ekologistaz osatutako taldeok. Frantzian bezala Espainian AHT, autobus eta hegazkinen ohoretan hiltzera kondenatu dituzten gaueko trenak, Finlandia, Suedia edo Austrian babestu egiten dituzte, azpiegitura eta zerbitzu berriz hornituz. " Hendaia ta Donibane / Baiona, Austerlitz ..." entzuten zaio oraindik Eltzegor taldeari Herrialde Berdean diskoan: kantariak gauean Hendaiako geltokian trena harturik, goizean goiz Paris-Austerlitzekora helduta hiri handian preso daukan laguna bisitatu ahal izango du, iluntzean alderantzizko bidaia egiteko. Bi gau trenean lo, egun bakarra aski izan du Parisko enkargua betetzeko. Ondoko ohatze eta konpartimentuetan doazen herritarrei ere –saltzaile, turista edo edozein klasetako langile– ondo datorkie erraz, eroso eta merkea. 2017ko uztailetik, ordea, gutxienez hoteleko gau pagatu eta lan egun oso galdu behar dituzte, SNCFk konpainia publikoaren Palombe Bleue [Uso Urdina] Hendaia eta Paris, Paue eta Tarbesetik barrena lotzen zituen gaueko trena eten baitu. Oraingoz behin betiko. Frantziak zeuzkan zortzitik sei kendu dituen moduan, beste leku askotan ere desagertu dira gaueko trenak. Gurean, hamar urte dira RENFEk Donostia eta Bilbo Bartzelona eta beste hiriburuekin lotzen zituztenak ezabatu zituela. Baina Hegoaldean kexu handirik entzun ez den bezala, erabiltzaileen protestak ikusi dira Baiona, Paue, Tarbe, Perpinya eta abarretan, eta Europako leku askotan mugimendu txikiak sortu ere bai itxitako gaueko trenak defenditzeko berriro abian jar ditzaten eskatzeko. OTN Oui au Train de Nuit (Gaueko Trena Bai) kolektiboak berrikitan dossier aberatsa aurkeztu du gaiaz, Gaueko trenak berriro abiarazi , energia eta klimaren krisien erdian zehazki 750 kilometro baino luzeagoko ibilbideetan tren klase honek gainerako garraiobideen tartean etorkizunean jokatu behar duen papera aztertuz. Hegazkinak eta kotxeak direnez oraindik ere nagusi 750 km-tik goragoko bidaietan nagusi, agintariek trenean inbertitzea erabaki zuten azken hamarkadotan, baina inbertsio osoa –kopuru izugarrietan gainera– Abiadura Handiko Trenbide berrietara eramanez. Kontua da dirutza handiok xahutu dituen Frantziak... ez duela lortu garraiobideen gas isuriak murrizterik. Bitarte horretan, hiri arteko Intercity motako trenen azpiegiturak hondatzen utzi dira, zer esanik ez gaueko trenak, ez inbertsio, ez estrategia komertzial, ez lotarako bagoi berririk. Zerbitzua usteltzeraino: 2017. urtean Hendaia-Paris lineako gaueko trenen %43 edo bertan behera geratu ziren edo oso berandu iritsi. Dena antolatu da inbertsioak eta bezeroak tren klasikoetatik AHT berrietara eramateko, ez denean autobusetara edo hegazkinetara. AHT berriek, gainera, laster erakutsi dute ez bakarrik tarteko herriak baina baita erdi mailako hiri asko ere gero eta bakartuago geratzen ari direla; orduan egin dute lekuko agintariek presio distantzia ertaineko trenak mantentzeko. Baina ez dute aski lan egin gauekoak bizirik atxikitzeko, ziurrenik beren buruetan ere iltzatuta daukatela gaueko trena antigoaleko gauzatzat, erromantikoa agian bai, baina funtsean zaharkitua, iraungia. Aldiz, OTN eta beste zenbait elkarte ziur daude gaueko trenei gertatuko zaiela tranbiei gertatua, 1960. hamarkadan hirietatik kasik erabat suntsitu ostean berriro modan jarri direla. Horregatik, diote, hobe daudenak ez alferrik galtzea, hobe Austria, Finlandia eta beste zenbait lekutan bezala gaueko trenak modernizatzeari ekitea. Ordubetean 1.000 kilometro Horretan ari dira Austrian. Gaia aztertu ondoren OBB ferrokarril konpainiaren buruak azaldu zuen gaueko trenen erabiltzaileak hor daudela, ez dela nostalgia kontua, ikuspegi komertzialetik eskari bat bazegoela konpainiek asebetetzen ez zutena; 2018tik tren eta eskaintza berriekin osatuko dute han zerbitzua. Urteotan gertatu da trenbideetarako diru publiko guztiak AHTn xahutzen aritu ostean herrialde batzuetan –ez eskatu horrelakorik Espainian– kontabilitateak egin dituztela. Hala, ikusi dute garraiobide eraginkorrenetakoak gaueko trenak direla. Koste ezkutuetan datza gakoa. Ordainsaririk gabeko errepideak merkeak dira aginte publikoek finantzatzen dituztelako inbertsioak. Hegazkinen ustezko errentagarritasunaren oinarrian daude erregaien zergetan barkatzen zaizkien milioiak eta lekuko agintarien laguntzak. Abiadura Handiko Trenari dagokionez, SNCFk aitortua du Frantziako 180 lineetatik 80 eta 100 artean defizitarioak direla. Hori konpainiak dioena, zeren eta OTNkoen kalkuluetan Paris-Lyon da dirurik galtzen ez duen bakarra. Berrikitan zalaparta handiz estreinatu duten Tours-Bordele lineak, ia 9.000 milioi euroko inbertsioa eta gero, aipatzen hasia dira urtean 150-200 milioi gehiago gal ditzakeela. Perpinyà-Figueres AHTren kiebra ogasun publikoari kosta zaio 450 milioi euro. Kopuru txundigarri horien aldean, Frantziako gaueko tren guztien artean 2015ean 75 milioi galdu zuten. Baina bazituen lineak beren buruak pagatzen zituztenak, kendu berri duten Paris-Hendaia esaterako 2011 arte. Gaueko trenak etorkizun oparoa dauka eta gaur ez bada bihar heldu beharko zaio berriro, energiaren garestitzeak eta klimaren zoratzearen kontrako politikek hala eskatuko dutelako, baina baita ere 600 kilometro baino luzeagoko ibilbideetan bidaiariei eskaintzen dielako aukerarik merke eta erosoena. Ez hegazkina, ez autobusa eta ez AHTk konkurritu dezakete bere kontra, kontabilitateak txukun eginez gero. Gaua lotan emateko aukerarekin, abiadura motelagoan zirkulatuz bezeroari baimentzen dio diruaz gain denbora irabaztea. OTNkoek dioten moduan, "ordu bete behar duzu 1.000 km egiteko, ordu erdi lokartzeko, beste ordu erdi iratzartzeko". Herrialde eta eskualdeetan komunikazioak hobeto antolatzen laguntzen du. Europa mailako mugikortasuna errazten. Garraiobiderik ekologikoena da. Patxadakoena. Lanpostuak ugaritzen ditu, bidaiariei zerbitzu anitzagoa eskaintzen dielako. Eta merkea da: herritarrek gero eta gehiago begiratzean diote garraioaren prezioari, bidaiaren iraupenari baino. Gaueko trenaren aldeko elkarteak, oso minoritario izanagatik, lan handia ari dira egiten zerbitzuaren aurrera begirako hobekuntzak proposatzen ere. Tiketak erreserbatzeko sistema hobeak. Trenen edukiera handitzea. Linea berriak sortzea Europa osoa zeharkatzeko. Tarteko geldialdiak ugaritzea. Auto elektrikoa indarrean datorrenez, bidaiariez gain kotxeak eramateko zerbitzuak osatzea. Dutxa eta bestelako zerbitzuak hobetzea. Uharteetarako ferryetan bezala bidaiatzeko aukera ezberdinak eskaintzea, batetik etzanda joateko logelak eta bestetik ibilbidea eserita merkeago egitea. Beste gauza askotan bezala, trenetan ere iraganean egon daiteke etorkizuna. AHT askoren porrotak lagunduko dio.
news
argia-6a2c0e8c4465
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/kaleetako-zuhaitzen-hostoak-konposterako-elikagai.html
Kaleetako zuhaitzen hostoak, konposterako elikagai
Garazi Zabaleta
2017-10-15 00:00:00
Kaleetako zuhaitzen hostoak, konposterako elikagai Konposta egiten dutenek ikasiak izanen dituzte dagoeneko emaitza egokiak lortzeko oinarrizko arauak. "Materia hezea eta lehorra bolumen berdinean nahastu", dio konposta nola egin azaltzen duen gidak oinarrizko arauetako batean. Materia lehor horien artean daude, besteak beste, udazken aldean zuhaitzak botatzen eta gure kaleak betetzen dituzten hostoak. Euskal Herriko zenbait herritan hasiak dira dagoeneko kaleetan bildutako hostoak aprobetxatzen eta herritarrei beren konpostera gehitzeko aukera ematen. Orio izan da gurean ekimena martxan jarri duen azken herria. Hondakindegirako 'zabor' kopurua murrizten Orain arte kale garbiketatik langileek jasotzen zuten guztia zuzenean hondakindegira joaten zela kontatu digu Amaia Usandizaga Orioko Udaleko arkitekto teknikoak. Udazken partean, kaleko hondakinen artean hosto kopuru oso handia jasotzen zuten garbitzaileek, eta horri probetxua ateratzeko jarri dute martxan ekimena. "Banaketa egitean, hondakindegira askoz material gutxiago bidaltzeaz gain, herritarrei ongarri naturala egiteko aukera ematen diegu", azaldu digu Usandizagak. Orion kale garbiketa egiten duen enpresak proposatu dio Udalari hostoak aparte biltzea. Izan ere, inguruko beste zenbait herritan zerbitzu bera ematen dute, eta herritarren artean izan duen harrera ona ikusita Orion ere ongi funtzionatu zezakeela pentsatu zuten. Nola funtzionatuko du? "Erriberetako baratzeen inguruan puntu bat edo bi jarriko dira, eta kale garbitzaileek jasotzen dituzten hostoak bertan utziko dituzte pilatuta", azaldu digu Usandizagak. Konposterako hostook nahi dituen edonork bertaratu eta behar duen kopurua har dezake handik. Bestela, Udaleko telefonora deituta edo bertara azalduta ere zerrenda batean izen eman dezakete interesatuek, gero garbiketa zerbitzuko langileak jarriko dira harremanetan beraiekin hostoak non eta noiz utziko dizkieten zehazteko. "Ohiko garbiketarekin jasotzen diren hostoak izango dira eta, beraz, hostoekin batera, litekeena da bestelako zakarren bat ere tokatzea. Erabiltzaile bakoitzaren lana izango da horiek apartatzea", argitu dute Udaleko webgunean. Hasi dira pixkanaka zuhaitzak hostoak galtzen eta kaleetako lurrak apaintzen. Batzuentzat hondakin, beste zenbaitentzat "opari", guztiak ados egongo dira, ziurrenik, hostoak birziklatzeko modu ezin hobea dela konpostatzea.
news
argia-f319ad55a9c0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-10-15 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo, Landareak lantzen gida-liburua jaso berri dut eta zalantza bat daukat (oraindik): ez dut ulertzen zer den ilzaharra. Agur bat eta eskerrik asko. Xabi Mercero (Basaburua) Kaixo Xabi. Landareak lantzen gida-liburuaren azalaren hegalean edo barruko solapan argitzen du. Ilzaharra: ilargi betea ikusten dugunetik txikitzen ari den artean ilzaharra da, Ilargi berrira arte. Hau da, ilargi betetik ilargi berrirako tartea, gutxi gorabehera hamabostaldi bat. Ilberriaren alderantzizkoa da. Ilberria handitzen ikusten dugun hamabostaldia da. Euskaraz ilzaharra eta ilondokoa esaten zaio, Ilargi betearen ondorengo fasea adierazten dute biek. Gazteleraz luna decreciente eta frantsesez lune decroissante deitzen dute.
news
argia-9c86033a39fa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/hizkuntza-eskubideen-protokoloa.html
Zertan da urtebete geroago
Jon Ander De la Hoz Arregi
2017-10-15 00:00:00
Zertan da urtebete geroago Abenduaren 17an urtea beteko da zenbait eragilek Donostian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zutenetik. Orain, protokoloa kaieren bidez praktikan jartzeko garaia dela adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Agendak estu hartuta dabil azkenaldian Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Korsikatik itzuli berria da, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari lotutako bidaia tarteko. Hegazkin ugari hartu ditu Bilbaok azken urtean, iazko abenduan sortutako hitzarmenean sakontzeko asmoz. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren amaieraz geroztik, Kontseilua da protokoloak marraztutako bide-orria betetzen ari dela bermatzen duen eragile nagusia. Bilbaok uste du proiektuak oihartzun dezentekoa izan duela lehen bederatzi hilabeteetan. Bere esanetan, "protokoloa bere bidea urratzen ari da", eta horren adibide da Alemaniako Udako Ikastaro batzuetara joateko deia jaso izana: "Horrek erakusten du interesa badagoela". Sare bat sortu dute eragileen artean, eta laster newsletter bat bidaliko diete protokoloaren gainontzeko sustatzaileei, eman beharreko pausoak azaldu eta ELENeko –European Language Equality Network (Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sarea)– gainontzeko partaideak akuilatzeko. Hurrengo urratsetako bat protokoloak nazioarteko erakundeetan legitimazioa izatea da. Hiru erakunde dituzte jomugan: NBE Nazio Batuen Erakundea, Europako Kontseilua eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea. NBEn, esaterako, urtea amaitu aurretik aurkezpen bat egin nahi dute. Europako Kontseiluaren Estrasburgoko egoitzan, aldiz, otsailean izan ziren eta hainbat batzorderekin harremana egin zuten. Tokian tokiko erakundeek, batik bat, parlamentuek, protokoloa aitortzea da etorkizunerako ezarri duten beste helburuetako bat. Bide horretan zenbait bilera egin dituzte han-hemengo erakundeekin. Euskal Herrian, Kontseilua EAEko eta Nafarroako legebiltzarretako presidenteekin bildu da; Korsikan eta Galizian agintariekin eta eragileekin bildu dira. Hain justu, Korsikako Biltzarreko presidente Jean-Guy Talamonik begi onez hartu du proiektua, eta protokoloa parlamentuan aurkezteko asmoa adierazi du. Katalunian bertako CIEMEN eta Linguapax aritu dira bileretan, eta Generalitateak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa "oso gertuko" duela adierazi du Bilbaok. Protokoloaren indargune nagusiak bere baloreak direla uste du Kontseiluko idazkari nagusiak. Horien artean, bizikidetza eta demokratizazioa azpimarratu ditu: "Guk hizkuntza aniztasunaren kudeaketa desegokia agerian jarri dugu. Europan izan diren liskar gehienak ez dira estatuen artekoak izan, estatu barruan gertatu dira. Hizkuntza dago erdian, eta hizkuntza boterea da, baita ekonomikoa ere. Beste hizkuntza bat dakienak lan hobea duela edo ikasteko erraztasun gehiago dituela jakitean, talkak sortzen dira estatu barnean". Horregatik, Kontseiluko kideak dio hizkuntza-komunitateen arteko aukera berdintasunean sinesten duela, eta horiek bermatuz gero hainbat gatazka saihestuko liratekeela. Bere esanetan hizkuntzen arteko aukera berdintasunaren bila joan behar da, eta nazioarteko erakundeek zeresan handia dute. Sare propioa handitzea ere jo du erronkatzat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak: "Berez, gure asmoa ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baino. Gutxienez, hizkuntza bakoitza ordezkatuko zuen eragile bat nahi genuen proiektuan. Europako oso hizkuntza gutxitu gutxi geratu dira kanpoan. Behin hori lortuta, erakunde horiei biderkatzeko eskatuko diegu, euren hizkuntzetan sare trinkoago bat osatze aldera". Kaiera, tresna garrantzitsua Protokoloaren luzapen gisa kaiera abiatuko dute sinatzaileek. Tresna garrantzitsutzat du Bilbaok: "Ehun eragiletik gora dabiltza inguruan. Agian ez du balio loteslerik izango, baina zuzenean edo zeharka milioika hiztun ordezkatzen dituen tresna kontuan hartu beharrekoa da". Hiztun komunitate bakoitzak protokoloa norbere hizkuntzan bideragarria izan dadin prestatuko duen bide-orria da kaiera: "Hizkuntza bakoitzaren egoera ezberdina da, eta baita tokian tokiko amarauna instituzionalak ere. Beraz, hor jasotzen diren neurriak bakoitzak bere inguruaren arabera jorratuko ditu". Azken xedea, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak ezarritako 185 neurriak betetzea da. Bakoitzak bere erritmoan egingo du, eta tarteko urratsak ere kontuan hartu ahal izango dira: "Erritmoa ezberdina denez, ez da beti kolpetik beteko, kasuistika guztiak ezberdinak direlako. Esaterako, Kataluniako Principat-ean neurrien %80tik gora beteta dituzte, eta beste leku batzuetan laurdenik ere ez". Kaierak lantzeko azterketa bat egiten da; ondoren, tokian tokiko eragileek esaten dute bost urte barru noraino iritsi nahi duten, eta hamar urtean noraino: "Batzuei irakasleak trebatzea interesatuko zaie, frisieraren kasuan bezala, eta besteei zinema hizkuntza propioan lantzea". Dagoeneko hainbat tokitan hasi dira kaierak prestatzen. Besteak beste, Aragoin eta Korsikan lehen pausoak eman dituzte, beste zenbait lurraldetan bezalaxe. Euskararen kaiera aurten argitaratzeko asmoa dute. Bilbaoren esanetan, "guretzat kaiera erronka bat da, eta 2017an inbertsio handia egin dugu prestatzeko. Sinatu zuten eragileekin harremanetan jarri eta eremuz eremu ari gara iritziak jasotzen". Halaber, Kontseiluan jakitun dira euskararen kasuan egoera berezia dela zatiketa administratiboa tarteko. Hala ere, ikuspegi nazionala lantzeko beharra dagoela uste du Bilbaok. Kaiera bakarra izango da, baina 185 neurrietako bakoitzak zein erakunderi dagokion jartzen badu, Euskal Herriko kasuan hiru administraziori egingo zaio erreferentzia kasu askotan. Erritmoak ere, herri bakoitzeko errealitateak ezagutzen dutenek markatuko dituzte: "Guk bide-orria zein den esango dugu, baina gero bakoitzak landuko du bere eremuan, baita sektoreka ere". Hedabideak jarri ditu adibide. Udalek zeresan berezia dute prozesu honetan, batetik bestera aldaketa handiak daudelako: "Getxo eta Azpeitiako errealitateak ezberdinak dira". Zer esanik ez Euskal Herriko hiru eremu administratiboak kontuan hartuta. Bilbaoren aburuz, EAEko eta Nafarroako aldundiek praxia gehiago lantzen dute, eta neurri asko Eusko Jaurlaritzara edota Espainiako Gobernura bideratuko dira, eskuduntzak haiek dituztelako. Aldiz, Ipar Euskal Herrian araugintza guztia Frantziako Estatuaren esku dago, eta herriko etxeek sustapena egin dezakete. Kasuistika hori guztia kontuan hartu beharko da kaierak lantzerako garaian. Hizkuntza eskubideak bermatzeko 185 neurriak betetzea da helburu nagusia.
news
argia-5ecce0681aa2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/alemania-ere.html
Alemania ere
Mikel Zurbano
2017-10-15 00:00:00
Alemania ere Eredugarria omen den herrialdean eskuin muturra Bundestagen sartu da dagoeneko. Hauteskunde osteko analisi ia gehienetan Berlingo Gobernuak atzerritarrekiko izan duen politikan ipini dute arreta alderdi xenofoboaren gorakada azaltzeko. Begirada bakarreko analisia, inondik ere. Garrantzi handiko gaia izan arren, asilo politika ez baita boz erradikalaren igoera azaltzeko faktore bakarra izan. Alemania arrakastatsuan errealitate sozioekonomikoaren narriadura begi-bistakoa da. Ezin da ukatu enplegua sortzeko bertan dagoen dinamismoa apartekoa dela, eta oro har, azkenaldian batez besteko soldaten igoera eman dela. Europako herrialde nagusiak ondo jakin du azken hamarkada eta erdian euro-guneak sortutako hobariei probetxua ateratzen. Esaterako, langabezia-tasa beheratzea lortu du 2007ko %8,5etik 2016ko %4,4raino, krisi beteko garaian alegia. Alemania ere kohesio sozialaren gainbeheraren eta desberdintasun gorakorren herrialdea da, Angela Merkelen Gobernuaren doikuntza neurriak eta politika zorrotzak hauspotuta. Bertako desberdintasun indartsuen erakusle, Alemaniako Gini indizea –koefizientea– Europar Batasuneko garaienen artean kokatzen da Hala ere, datu makroekonomiko positibo horiek ez dute azkenaldiko lan eta gizarte egoeraren higadura balaztatu. Alemania ere kohesio sozialaren gainbeheraren eta desberdintasun gorakorren herrialdea da, Angela Merkelen Gobernuaren doikuntza neurriak eta politika zorrotzak hauspotuta. Bertako desberdintasun indartsuen erakusle, Alemaniako Gini indizea –koefizientea– Europar Batasuneko garaienen artean kokatzen da. Are gehiago, gizartearen errenta dibergentzia gora doa. Krisiak errenta eta aberastasunaren kontzentrazioa indartu du. Gizarteko %10ak aberastasun guztiaren %65 zuen 2016 urtean, Credit Suiss -eko datuen arabera. Beste muturrean, herritarren %15a (12 milioi pertsona baino gehiago) pobreziaren atariaren azpian bizi zen 2015 urtean. Milioidunen herrialdean milioika pobre daude, horixe paradoxa! Bestalde, lan merkatuaren azterketak ere ez du egoera hoberik erakusten. Enpleguaren sorrera bizkorra izan da azkenaldian, baina enplegu berri ugariren kalitatea oso ahula da. Aldi baterako edo denbora partzialeko eta soldata oso apaleko minijob gisa ezagunak diren enpleguak oso bizkor hedatu dira. Iaz 11 milioi langile ziren lan kategoria honetan zihardutenak, enplegu guztiaren %26,7 alegia. Eta 2.000 milioi pertsonatik gora lan bat baino gehiago egin beharrean daude, denbora partzialeko prekarietateak eta soldata apalek horretara behartuta. Errealitate gordin horren argazkia eta analisia egin du Oliver Nachtwey alemanak Jaitsieraren gizartea goiburua duen bere azken liburuan. Egile honen tesiaren arabera 1970eko hamarkadatik igogailu sozialak kontrako norabidea hartu du mendebaldeko herrialdeetan, baita bere herrialdean ere, non prekarietatea eta gizartearen polarizazioa eguneroko ogia diren. Eta hala ere, oraindik ere, gizarte alemaniarrak bere burua igoeraren gizartetzat du. Baina Atzeraldi Handiarekin hazkunde osteko kapitalismoan gaude eta integrazio sozialerako baliabideak eta borondatea ahitzen ari dira. Nachtweyk azpimarratzen du eraberritutako modernizazioa egon dela baina atzerakoia izan dela. Izan ere, askatasun soziala eta araugabetze ekonomikoa elkarrekin ematen dira: berdintasunaren aldeko urratsak eman diren arren, arlo ekonomikoan atzerako pausoak nagusitu dira. Esaterako, emakumeek lan merkatuan presentzia handiagoa dute baina prekarietate gehiago nozitzen dute. Alemanian ere, kapitalismoaren eta demokraziaren arteko eta askatasunaren eta berdintasunaren arteko tentsioa gora doa gatazka era berriak eraginda. Horregatik, jaitsieraren gizartean alienazio politikoak apatia eta xenofobia dakartza, baina baita herritarren protesta era berriak ere.
news
argia-a5d9682d2881
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/la-naval-konkurtsoan-living-stone-ontziolatik-kanpo-eta-langileen-etorkizuna-kolokan.html
La Naval konkurtsoan, 'Living Stone' ontziolatik kanpo, eta langileen etorkizuna kolokan
Urko Apaolaza Avila
2017-10-06 00:00:00
La Naval konkurtsoan, 'Living Stone' ontziolatik kanpo, eta langileen etorkizuna kolokan Langileek hiru hilabeteko erregulazio espedientea onartu dute, kable-ontzia amaitzeko "bermeak" edukitzearen ordainetan. Gaur aurkeztuko du konkurtsoa ontziolaren zuzendaritzak. La Navaleko langileek etorkizuna oso beltz dutela badakite, enpresak konkurtsoa aurkeztu baitu gaur, horretarako epea agortuta. Baina arnasaldi txiki bat izango dute hala ere. Sei hilabetez beharrean, etxera hiru hilabetez bidaltzeko akordioa adostu dute zuzendaritzarekin, eta horrez gain Living Stone ontzia beraiek –eta La Navalen hornitzaile eta azpikontrata ugariek– amaitzeko bermeak ere bai. Kable-ontzia asteazken arratsaldean atera zuten Sestaoko ontziolatik eta Santurtziko moila batera eraman dute jabearen eskariz. Duela aste bi Tideway armadore belgikarrak ezkutuan eta baimenik gabe atera nahi izan zuen ontzi erraldoia , La Naval konkurtsoan sartuz gero amaitu gabe geratuko zen beldurrez. Sei edo zazpi hilabeteko lana geratzen da oraindik ontzia errematatu arte eta ontziolatik kanpo egingo dute hori; La Navaleko hornitzaileak ariko dira batez ere horretan. La Navaleko langile gehienei –181 lagun–, berriz, abenduaren amaiera arte espedientea irekiko diete; soldataren %100 kobratuko dute denbora horretan. Zuzendaritzak denbora irabazi nahi du, hurrengo urteari begira Herbeheretako armadore batek bi draga enkargatu baitizkio eta hori finantzatuko duen inbertitzaile bat aurkituko balitu aurrera jo ahal izango luke. Manifestazioa Barakaldon Barakaldon ehunka lagunek manifestazioa egin dute ostegun arratsaldean, La Navalentzat irtenbide bat eskatzeko. Ontziolako ia 300 langileez gain, beste ehunka aritzen dira hornitzaile gisa eta itxierak "Ezkerraldearen heriotza" ekarriko lukeela diote. "Ez dugu behar La Navalen etorkizunarekin jolastera etorriko den inbertitzaile bat" diote langileen ordezkariek, eta "egiazko" bideragarritasun plan bat eskatu dute La Navalen. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gehiago inplikatu dadila sektorearekin eta jar dezala martxan behingoz duela hilabete eskatu zuten negoziazio mahaia.
news
argia-d19d08b82dc0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/marketina-beldurrezko-filmekin-akabatzen-ari-da.html
Marketina beldurrezko filmekin akabatzen ari da
Gaizka Izagirre
2017-10-15 00:00:00
Marketina beldurrezko filmekin akabatzen ari da "Urteko beldurrezko film beldurgarriena", "sekulako beldurra pasako duzu", "Sitges-en estreinatu zen eta zorabioak eragin zituen"… amua heltzeko helburuarekin, azken urteetan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horiekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zineten. Baina ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Behin filma estreinatu eta aretora joaten garenean ordea, ez al zaizue gertatu "ez zen hain beldurgarria izan" edo "ez dut batere beldurrik pasa" bezalako esaldiak ahotik botatzea? Gure bizitzan beldur gehien sortu diguten filmetan pentsatzen hasten bagara, ziur, gure garuna 20-30 edo 40 urte atzera joko duela. Zer gertatu da bidean orduan? Beldurrarekiko immunitatea sortu dugu edo beste gauza bat saldu nahi izan digute? Beldurra, urteen poderioz eta batez ere garai jakin horren testuinguruaren arabera, eraldatzen joan den kontzeptu bat izan da. Godzilla adibidez, Gerra Hotzaren garaian, eraso nuklearrarekiko zegoen beldurragatik sortutako irudia izan zen. Munstroak izan ziren hasieran, espirituak eta exorzismoak 70eko hamarkadan, slasher eta serieko hiltzaileak 80ko hamarkadan eta abar. Generoa munduan gertatzen zenaren eskutik zioan, gizarteak zuen beldurra fikzio moduan gauzatzen zen azken finean. Baina horiek saltzeko behar horretan, promozio kanpainak sartzen hasi ziren. Oso erraza da teaser tranpati bat sortzea edo kartel deigarriak diseinatzea jendea erakartzeko, baina gero zer? 2017ra bueltatuz, eta adibide konkretuekin jarraitze aldera, eremu honetan aurten zalaparta gehien sortu duten hiru filmak, Get out, It Comes at Night eta IT izan litezke. Pertsonalki, sentsazio berbera izan dut hiruekin. Film interesgarriak, bikainak batzuk, baina beldurraren alderdia nahiko ahula. Hori bai, guztiak saltzeko erabilitako estrategia bera: "Urteko film beldurgarriena". Askok diote errua dela sorpresarekiko dugun gaitasuna galtzen ari garela. Ikus-entzunezko edukiak geroz eta gehiago, geroz azkarrago kontsumitzen ditugun mundu honetan, segundoro era guztietako irudi bortitzak irensten ditugulako batik bat. Gauza gutxik sortzen dutela harridura gaur egun, eta are gutxiago beldurra, jakina. Baina nire ustez, beste alderdi batek du erru handiena: marketin kanpainek. Lehenik eta behin, filmak promozionatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak iruzurtiak iruditzen zaizkit. Shyamalan zine zuzendariak The Village eta Lady In the water estreinatu zituenean adibidez, milaka ikuslek alde egin zuten haserre bizian zinema aretoetatik. Baina errua ez zen zuzendariarena izan, trailerretan agindu zizkieten munstro eta sustoak inondik agertu ez izanarena baizik. Frustrazio hori, adibidez, iazko The Witch bikainarekin sentitu zuten askok. Oso erraza da teaser tranpati bat sortzea edo kartel deigarriak diseinatzea jendea erakartzeko, baina gero zer? Epe luzera, desegiten den zerbait da. Drama generoko filmak saltzeko "malkoak" saltzen ez badira, zergatik beldurrezkoekin sustoak bai? Eta bestetik merkezurreko efektismoa. Azken urteetako sortzaileen artean tendentzia kaskar bat hedatzen ari da. Aurtengo IT filmean oso argi ikus daitekeen zerbait da. Tentsio goreneko uneetan, soinu oso bortitz bat sartzen dute eta mozketa zakar bat jarraian. Ikusleari "erne! hemendik bi segundotara susto bat dator" aurreratzen dio, bolumena %100 igo eta  pun! Ikara sortua. Eserlekutik salto egin dezagun lortzen dute bai, baina sentitzen duguna, manipulaturiko izu artifizial bat besterik ez da. Golpe horiek ikaratu egiten gaituzte, izualdi txiki bat sortzen dute , baina ez dugu beldurrik sentitzen, inondik inora. 'The Blair witch project' filmak asmatu zuen 1999an nola promozionatu pelikula beste modu batera: eredu ona izan daiteke gaur egun ere Dena den, pentsamendu positibo batekin amaitze aldera, The Blair witch project filma aipatu nahiko nuke. Marketinaren arloan, gauzak nola egin behar diren ikusteko eredu onena izan litekeelako. www.blairwitch.com webgunea ez zen filmari buruzkoa edo hura promozionatzeko sortua izan adibidez. Eta hortxe gaur egungo Hollywood-eko beldurrezko filmekin egiten denaren diferentzia nabarmena: webgunea, kasu horretan, filmaren parte zela. Narrazioak zinema aretoko pantailatik alde egin zuen eta ikuslea inguratzen jakin izan zuen, murgiltze konpleto baten biktima bilakatuz, aretora sartu baino lehen, baina batez ere irtetean. Beldurra ikuslearekin batera irteten zen eta asteak irauten zuen garunean. Inbertsio ekonomiko minimo batekin, mundu osoak film horri buruz hitz egitea lortu zuten. Gustuko ala ez, sinetsi ala ez, saltzen zuten hori eskaintzen zuten. Pentsa gainera zer nolako balentria izan zen, 1999. urtean Facebook, Twitter eta YouTube bezalako plataformak ez baitziren existitu ere egiten. Beraz, argi eta garbi, tendentzia negatibo hauek ezabatzen ez badituzte, eta ikusiko dugunarekin bat egiten duten kanpaina zintzoak sortzen ez badira, luzera, beldurrezko filmekin akabatzen ari direla uste dut.
news
argia-a51ad8bcc6d5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/giro-mistikoa.html
Giro mistikoa
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-10-15 00:00:00
Giro mistikoa Musika saio bat gozatzeko elementu garrantzitsu bat, noski, taula gainean ikusi eta entzuten dugunaren kalitatea da. Baina ez da osagai bakarra, eta, batzuetan, ezta inportanteena ere. Badaude, kasu askotan, saioaren testuinguruko elementu batzuk, benetan baldintzatzen dutenak entzuleak hartzen duen inpresioa. Zumarragako Antioko Baselizan ematen diren kontzertuetan horixe gertatzen da. Zoritxarrez, amaitu da 34. Antioko Musikaldia, baina disfrutatu genuen azken kontzertu honetan, hango espiritualtasunak hartu gintuen eta une magikoa bizi izan genuen. Egun hotza, hezea, baina Antioko ermitaren barruan giro berezia sortu zen, kontzertua hasi orduko. Giovanni Battista Pergolesik Stabat Mater lana bere bizitzaren azkeneko asteetan konposatu zuen. Sentimendu sakona eta sentsibilitate fina nabariak dira obraren zati guztietan. Bakarlariek lan dotorea egin zuten. Ahots biribilak erakutsi zituzten, giro hotza egonda ere, esan bezala. Ana Otxoa soprano bilbotarra adorez aritu zen, nahiz eta ñabadura gutxiko kantua eskaini. Cuius animam gementem pasartean, adibidez, ederki proiektatu zuen ahotsa, eta duo ederra egin zuen Marife Nogales mezzoarekin O quam tristis et afflicta zatian. Agian Nogales mezzoak hobetu luzitu zuen bere ahots sakon eta haragitsua. Aise pasatzen da kantaria erregistro guztietatik, baina ertainekoa du bereziki distiratsua. Quae morebat et dolebat pasartea, beste batzuen artean, horren adibidea izan zen. Matizatua eta ondo fraseatua atera zen. Koruko Andra Mari Musika Kapera, Andoni Sierraren batutapean, doitasunez aritu zen, eta behar den taxu eta segurtasunarekin azpimarratu zuen ahotsen lana. Oscar Candendo izan genuen organo-jole adierazkorra, bestalde. Baina benetako protagonistak Easo Eskolaniako gaztetxoak izan ziren. Mutilez osatutako talde honek (Euskal Herrian gaur egun bakarrenetakoa), Antzinako Musikan espezializatuta, eskarmentu handia du, eta nazioarteko orkestra eta zuzendari garrantzitsuenetakoekin aritu da. Aldi honetan, erabat afinatuta eta enpastatuta abestu zuten, eta elementu klabea izan ziren saioaren magia eta xarma hori sortzeko, dudarik gabe.
news
argia-d899fd33d260
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/venezia-sindromea-eta-disoziazio-ihesa.html
Venezia sindromea eta disoziazio-ihesa
Miren Artetxe Sarasola
2017-10-15 00:00:00
Venezia sindromea eta disoziazio-ihesa Turismoa, kontzeptu gisa, ez dago modan. Aski ezagunak dira, dagoeneko, turismo masiboaren aurkako argumentuak. Ikasi dugu, ikusi dugulako, hiperturistifikazioak  gure auzoetako alokairuen prezioak igoarazten dituela, komertzio arruntak turistei bideratutako denda bilakatzen dituela, eta turistentzako zerbitzuetan lan egiten dutenen lan baldintzak prekarioak izaten direla. Ikusi ditugu turista samaldak hiriko espazioak irabazten –alegia, guri galarazten, hitzaren bi zentzuetan–, gure eguneroko ohitura txikiak kanpotarrentzako esperientzia salgarri bilakatu ahala. Horregatik, besteak beste, kanpora goazenean ere ez dugu turista izan nahi. Leku turistikoetan derrigorrezko argazkia egin bai –eraikinak, paisaiak, haur irribarretsuak–, baina, gainerakoan nahiago dugu ohiko zirkuituetatik at ibili. Beste argitaletxetakoen aldean alternatibotzat dugun gidak auzo alternatibotzat jotzen dituenetara jotzen dugu, ezaxola; alternatibotasunak berak balio espekulatiborik ez balu bezala; gune horietan turismoa gure pausoz sartuko ez balitz bezala; Venezia sindromea eta ez-turiston disoziazio-ihesa txanpon beraren bi alde ez balira bezala.
news
argia-795837c185da
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/enpleguaren-hamarkada-galdua.html
Enpleguaren hamarkada galdua
Endika Alabort Amundarain
2017-10-15 00:00:00
Enpleguaren hamarkada galdua Barne Produktu Gordina (BPG) ez da erreminta ona herrialdearen aberastasuna neurtzeko. Hala ere, ekonomistek magnitude hau erabili ohi dugu, lanabes moduan. Estatistikak eta tasak aipatzerako orduan, hainbeste zenbaki artean irakurle arrunta erraz galtzen da. Aitortzen dut: niri askotan ere gertatu izan zait. Hurrengo lerroetan datuak ulergarri egiten saiatuko naiz. 2007 eta 2017 urteen artean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, zazpi urtez jarraian aberastasuna galdu zen, azken bi urteetan aurreko maila berreskuratuz: 2015eko BPG 2008ko kopuruetara heldu zen. BPGren ikuspuntutik, badirudi krisia "gainditu" dela. Gakotxoen artean aipatzen dut, batez ere aurreko maila berreskuratzeak esan nahi duelako hazkunde aukera handia galdu dela bidean. Enpleguaren aldetik, berreskurapen hori ez da oraindik eman. Analisi honetarako hiru elementu erabiliko ditut: jardunaldi mota, eta sektore pribatuko eta publikoko langile kopuruen eboluzioa. Argi utzi nahi dut, orokorrean, kontratu mugagabe baten enplegu kalitatea behin-behineko kontratu batena baino handiagoa dela; baita lan jardunaldi oso batena ere, zatikako baten aurrean. Jardunaldi osoan lan egiten duen enplegatu kopurua, 2007 urteko kopuruarekin alderatuz, 134.000 pertsona gutxiago dira (126.000 gizon eta 8.000 emakume). Zatikako lan jardunaldian, aldiz, 20.000 langile gehiago daude (16.400 gizon eta 4.300 emakume). Hau da, azken hamar urte hauetan, jardunaldi osoko enplegu ugari suntsitu dira. Zatikako lan jardunaldiak, aldiz, ez dira gai izan enplegu kopuru hau ordezteko. Sektore pribatuan, enplegatutako pertsona kopurua krisiaren hasieratik murriztu da, 60.000 pertsonetan zehazki (62.000 gizon gutxiago lanean, baina 2.000 emakume gehiago). Kontratu mugagabeen aldetik aztertuz, 2010etik hona 41.000 langile gutxiago daude; behin-behinekoak, aldiz, 2012-2013tik gaur arte handituz joan dira urtez urte. Sektore publikoan, aldiz, bi epe bereiz ditzakegu. Lehenengoan, 2007-2012 urteen artekoa, mugagabeko enpleguaren sorrera eman zen, behin-behinekotasuna murriztuz. Baina hurrengoan, austeritate neurriak aplikatu ostean, 7.900 enplegu mugagabe suntsitu ziren, epe berean sortutako behin-behineko enplegua 5.500ekoa izanik, murritzagoa. Laburbilduz, nahiz eta aberastasun sorreraren aldetik krisi aurreko maila berreskuratu dugun, enplegu aldetik Nafarroan eta EAEn jardunaldi osoko 134.225 enplegu gutxiago daude eta 20.650 gehiago zatikako lan jardunaldian. Jasandako soldaten murrizketak gehituz, testuinguru ilun baten aurrean gaude. Horregatik 2007-2017 epealdia, hamarkada galdua izendatu beharko dugu.
news
argia-6725306e213b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/elena-asins.html
Zientzia artea denean
Xabier Gantzarain
2017-10-15 00:00:00
Zientzia artea denean Tartean-tartean gogora ekarri beharreko artista da Elena Asins Rodriguez (Madril, Espainia, 1940ko martxoaren 2a-Azpirotz, 2015eko abenduaren 14a), badaezpada. Bere lanak hain ematen du hauskorra, desagertzeko zorian dagoena, ezen ematen baitu inork zaindu ezean segituan galduko dela. Ez da hala, noski, zuk eta nik baino gehiago iraungo du. Espainiako Reina Sofia museoan jarri zuen erakusketa eder bat 2011n. Orduan Berria n arte kritikak egiten zituen Oihana Garrok hauxe idatzi zuen : "Misterioa iruditzen zait arte munduan nola artista batzuk tontorrera heltzen diren eta beste batzuk ez. Orain arte, nahiko ezkutuan mantendu izan da Asinsen lana, nahiz eta egin dituen 40 bakarkako erakusketa baino gehiago, eta beharrezkoa zen bistaratzea. Haren lanak XX. mendeko abangoardiaren tradizio konstruktibista, 60ko hamarkadako informazioaren teoria eta ordenagailu bidezko artea nahasten ditu, horretarako arte optiko eta minimalismora ere arrimatuz. Labur esanda, Asins ordenagailu bitartez egiten den artean aitzindaria da, eta, era berean, ideia protagonista duen arte kontzeptualaren erreferente nagusietako bat". Pariseko Arte Ederren Eskolan ikasi zuen, Madrilen ibili zen, Stuttgarten, New Yorken. 1980an New Yorkera joan zenean, Noam Chomsky ezagutu zuen, eta bere lana erakutsi zionean, hauexek izan omen ziren haren hitzak: "Hau hizkuntza bat da!". Aitzindari eta erreferente, baina artearen mundutik aparte. Azpirotzen hartu zuen etxea, berak berritu, hantxe hil zen. "Arteak, edo transzendentziara egiten du, edo ez da artea. Nire lanak horregatik ez du batere zerikusirik modekin, eta horregatik bizi naiz hemen, Azpirotzen, beste alderdi hori ez dudalako maite". Beste alderdi hori: eguneroko zurrunbiloa, munduaren zarata, bla bla bla bla bla.
news
argia-a94d7f1345e0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2570/migranteen-kanporatze-azkarrak-legez-kanpokoak-direla-dio-estrasburgok.html
Migranteen kanporatze azkarrak legez kanpokoak direla dio Estrasburgok
Andoni Mikelarena
2017-10-04 00:00:00
Migranteen kanporatze azkarrak legez kanpokoak direla dio Estrasburgok Europako Giza Eskubideen auzitegiak emandako epaia argia da. Espainiako Gobernuak Ceutan eta Melillan egin izan dituen migranteen kanporatze azkarrak, legez kanpokoak direla baieztatu du auzitegiak. Europako Giza Eskubideen hitzarmena urratzen duela dio Estrasburgok. Bi etorkinek jarritako salaketari erantzunez heldu da erabakia. Bata Maliko herritarra eta bestea Bolikostakoa. Biak Marokotik Melilla (Espainia) hirira sartzen saiatu ziren eta orduak eman zituzten tarteko hesian igota. Azkenik Guardia Zibilak eskailera bat jarri eta berau erabiliz jaitsi ziren lurrera. Behin behean zirela (espainiar lurretan), inork ez zien euren izena galdetu. Ez zituzten identifikatu eta ez zuten inolako abokatu edo interpreteren laguntzarik jasotzeko aukerarik izan, nahiz eta Espainiak izenpetu izan dituen zenbait hitzarmenek hala jasotzen duten; besteak beste, atzerritartasun legeak. Guardia Zibilak Marokoko poliziaren esku utzi zituen bi lagunak eskuak giltzarrapoz lotuta zituztela. Euren borondatearen aurka eta inongo neurri administratibo juridikori erantzun gabe egin zuten hori, epaiak baieztatu duenez. Sententziak dio, biktimek 5.000na euroko kalte ordaina jaso behar dutela kalte moralengatik. Dimitry Dedov epaile errusiarrak bakarrik bozkatu du konpentsazio ekonomikoaren aurka. Aurrez ere, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR), Europako Batzordeak eta zenbait gobernuz kanpoko erakundek, esana zuten legez kanpokoak zirela mota honetako kanporatzeak. Hala ere, Espainiako Gobernuak entzungor egin eta kanporatze ilegalak egiten jarraitu du. Orain Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi du, Espainiak ez duela nazioarteko legedia bete alor honetan.
news
argia-e24264b0b84c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/ingelesaren-mitoak.html
"Ingelesa ez, euskara da baliagarria Nafarroan"
Onintza Irureta Azkune
2015-03-22 00:00:00
"Ingelesa ez, euskara da baliagarria Nafarroan" Espainolismo linguistikoak erreminta ezin hobea aurkitu du euskara isolatzeko: ingelesa. Hizkuntza horren inguruan mito eta gezur asko dagoela uste du Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari madrildarrak. Joan den urteko hondarrean izan zen Iruñeko Katakrak-en, Manu Robles-Arangiz Fundazioak gonbidatuta. Nafarroako Gobernuaren eskoletako Ingelesa Ikasteko Programa izan zuten ardatz berak eta gainerako hizlariek. Gauza bat da ingelesa erabilgarria den ala ez, ikasteak merezi duen ala ez. Jakina merezi duela ingelesa ikasteak, baita beste hizkuntzak ikasteak ere. Dena dela, ingelesak baditu gaur egun hainbat ezaugarri mitiko, batzuetan magikoak. Ezaugarri horiek kolonialismo linguistikoarekin daukate zerikusia. Alegia, herritarrak bere hizkuntza hitz egiten du, badator kanpoko hizkuntza eta sinetsarazi diote hizkuntza hori askoz erabilgarriagoa dela, askoz hobea dela, ezaugarri ia magikoak dituela. Jada ez zaitu inork konbentzitu behar hizkuntza hori ikasteko. Gogorarazten dizuet Penintsulan gauza bera gertatu zela gaztelaniarekin, eta gaur egun ere gauza bera gertatzen da. Jende orok hitz egiten du ingelesa Gezurra. Japonian Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatu zenean, hainbat kazetari harrituta zegoen, japoniarrek ez baitzuten ingelesa hitz egiten. Arazoa ez dago Japonian, baizik eta Japonian askok ingelesez hitz egiten duten sinesmen horretan. Egia da, Europako hainbat herrialdetan, Herbehereetan, eskandinaviar herrialdeetan, ingelesez oso ondo moldatzen den jendea aurki daiteke, baina ezin da esan Europan hala gertatzen denik. Frantzian, Alemanian, Errusian, Grezian, Italian ezin dugu elkar ulertu ingelesez. Jakina dagoela ingelesez egiten duen jendea, gaztelaniaz, frantsesez edo italieraz bezala. Edonork ingelesa hitz egiten duela indarrez sartu zaio jendeari buruan eta ikasi behar dutela sinetsi dute, erabiliko duten ala ez, lanean behar duten ala ez, pentsatu gabe. Are okerragoa, sinestuta dago ingelesa ez badaki sekulako gabezia duela, kulturalki akastuna dela, analfabetoa. Horregatik, inkestetan jendeari galdetzen zaionean ingelesa ba al dakien baietz erantzuten du. Beldurra ematen die bestelakorik erantzuteak. Ideologia zentzugabe horren arabera, ingelesa globalizazioaren hizkuntza da. Ez. Ingelesa baliagarria da, baina batzuetan berez ez dauzkaten ezaugarriak atxikiz, hizkuntzak inposatu egiten dira. Bere garaian gauza bera gertatu zen latinarekin eta grezierarekin. Lanerako, egunerorako, beharko duzu Lan ona aurkituko duzu. Hara non, Alemanian erizain izan nahi duenari alemana eskatuko zaio, alemana hitz egiten duten gaixoak artatu beharko baititu. Frantziara joan eta ileapaintzaile edo arotz izan nahi badu, frantsesa jakin behar du frantsesekin aritzeko. Hau esan ohi didate: "Maila handiko exekutiboek-eta ingelesa jakin behar dute". Denok gure seme-alabak multinazionaletako goi-mailako exekutiboak izateko hezten ari al gara bada? Beraz, ingelesa ez da baliagarria Nafarroan, ez behintzat egunerokoan. Ingelesa erabilgarria da, merezi du ikasteak, literatura interesgarria dauka, ez diot ikasi behar ez denik, baina ez esan mundu osoan ulertzeko balio dizun hizkuntza dela. Beno bai, agian, munduko aireportu guztietan. Dena dela, aireportuan ahalik eta denbora gutxien egoten gara, 6-7 ordu badaramatzat handik ateratzeko desiatzen nago. Museoetan ere bai, ados. Museo handietan, zeren ni Armeniako museoetan egon naiz eta han errusieraz baino ez zuten hitz egiten. Baina umeak ez ditugu heziko museoetan bizitzeko ezta? Gure seme-alaben heziketa ingelesaren inguruan sortu den ideologia baino askoz serioagoa da. Ingelesa eztabaidaezina da Interes politikoa al dago ingelesa neurriz kanpo balioztatzeko eta euskarak gutxiesteko? Mito aureolari aurre egin behar zaio, zeren besteak beste ingelesari berari egiten dio kalte, hizkuntza hori besteak bezainbesteko duina baita. Hizkuntza inperialista eta inposatzaile gisa agertzen da, baina hizkuntzak ez dira hala. Aureola horren barruan, bitxia da, ingelesa eztabaidaezin bihurtu da, inork ez du zalantzan jartzen ingelesa ikasi behar den ala ez. Are gehiago, hizkuntza menperatu behar da, hitz-jario jatorra behar da izan. Kultura handiko jende askok sufritzen du, ingelesa ez dakielako. Nik lana egiten dudan unibertsitatean ingelesa menperatzen ez duen oso kultura maila handiko jendea dago. Ingelesa ez menperatzeagatik kulturalki gabezia handia dugula esaten digute. Espainolismo linguistikoak euskara isolatzeko erreminta ezin hobea lortu du. Inork zalantzan jarriko ez duen zerbait aurkitu behar badugu, badakigu zein den erreminta perfektua: ingelesa. Erreminta ezin hobea euskarak hezkuntza sisteman aurrera egiten jarrai ez dezan. Euskara ikasi beharko da, baina askoz garrantzitsuagoa da ingelesa ikastea. Nik jarraitzen dut esaten Nafarroan egunerokoan bizitzeko askoz garrantzitsuagoa dela euskara jakitea ingelesa jakitea baino. Informatikako multinazional batean lan egiteko litekeena da ingelesa eskatzea eta ez euskara, baina Nafarroan euskara hizkuntza erabilgarria da, ez da hizkuntza atzerritarra. Horregatik, hiru eleko hizkuntza ereduaren ideiaren aurka egiten dut, hiru elekoa gaztelania, euskara eta ingelesa ulertzen badugu. Akats handia da. Euskara ezin da jarri gaztelaniaren eta ingelesaren mailan. Hiru elekoak horrela beharko luke: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza. Ingelesak frantsesarekin, italierarekin... lehiatu beharko du eta ez du inolako arazorik izango horretarako, eta atsekabez diot. Zeren ingelesa ikasteko erabiltzen den denbora erdian frantseseko erdi maila lor daiteke, adibidez. Ezagutzen dut bizitza guztia ingelesa ikasten ari den jendea eta ez dena gai telesail bat jarraitzeko. Denbora erdia frantsesa, italiera edo portugesa ikasteko erabili izan balute... Beraz, hiru eleko eredua euskara, gaztelania eta ingelesa izatea onartezina da. Euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza beharko luke izan, eta atzerriko hizkuntza bakarraren ordez bi badira bi. Ingelesak ez die garrantzia eta denbora kendu behar euskarari eta gaztelaniari. Hori bai, gaztelania Nafarroan hizkuntza nagusia izanda, eta euskara gutxiagotua, denbora gaztelaniari kendu behar zaio, ez euskarari. Jakina, uste badugu euskarak indar handiagoa hartu behar duela, bestela noski ezetz. Nafarroan intentzio politikoa ote dagoen ingelesa gehiegi balioztatzeko eta euskara gutxiesteko? Espainolismo linguistikoaren sustraiak anglizismo inperialistaren berdinak dira. Gaztelania eta ingelesa, katalana eta euskara baino goragoko hizkuntzak dira. Jakina, ingelesa sartzeko intentzio politikoa dago, ingelesa ez da eztabaidagarria.
news
argia-be772a0ad215
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/hau-deitzen-da-politika.html
Hau deitzen da POLITIKA
Aritz Galarraga
2015-03-22 00:00:00
Hau deitzen da POLITIKA Herriko bozak Piarres Larzabal Auspoa, 1962 Teatroa, daukagu erabat ahaztua. Nahiago nuke bakarrik hemen; aldiz ea nor doan gaur antzokira, are ea nork ateratzen duen testua irakurtzeko kuraia. Eta aitzitik ditugu teatro idazle azkarrak, Piarres Larzabal, aurten jaio zela mendea. Ibon Sarasolak: "Apaiz. Epe honetako autorerik hoberena. Ehunen bat obraren egile". Larzabalek konfirmazioa: "Uste dut ehun ta hogei bat obra, handi eta ttiki, luze eta labur idatzi izan ditudala". Lehen ikusgarria, Irri eta Negar , gizon mozkor baten merkatutik etxera sartzea, Gure Herria aldizkarian argitaratzen zuena. 1934. Beste Piarres batek, Xarriton: "Irri eginarazteko xedea besterik ez dute hastapenean. Laster, irri eta negarren artetik, entzun-ikusleari zenbait gogoeta eginarazi nahi dizkio. Gizarte arazoak harrotzen dituzten komediak dira". Xarritonen ustez Larzabalen larrienak: Orreaga , Paper mende , Sarako lorea , Urriki latza 1964an, gero Lana eri , Suedako neskatxa 1965ean, Ibañeta eta menturaz hoberena, Matalas 1968an –Sarasolak berresten du azkena: "haren obrarik interesgarriena"–. Labur, Larzabalek berak idazlan osoen 6. liburukian dioena: "Otoi euskalduneri erakuts diezaiegun nolakoak diren eta direnarekin zer egin dezaketen. Bizia lagun dezala teatroak, biziarekin kurrituz. Ikusliarrak bete ditzagun ez bakarrik iragan ederraren penez, baina egiteko denarentzat xede suharrez". Eta badakit lehenik departamendukoak direla, baina zer nahi duzue esatea: Matalasen bizitza eta mirariak baino, Ibañetako patriotismoaz bestera, puskaz gehiago gozatu dut udal hauteskundeen itzulian ari den Herriko bozak honekin. Pertsonaiak, bozetako egunetan ardo gorritik edaten duten gorriak batetik, zuritik edaten duten zuriak bestetik. Bakoitza bere aldeko bozen bila. Gehi Pako mozkorra, noski: "Heldu da bozkatzeko tenorea, ez da orduan erregerik ni baino ohoratuagorik"; "Ha zein goxo den hola jaun handi batzuen, zure eskale bilakatuta, ikustea!". Eta Kattalin, ostalertsa, auskalo nagusia, baina a ze jefa: "Politika egin behar dela nahi dut, bainan politika saltsa… Hanitzentzat saltsan artzea da politika egitea". Pakok, gorriak eta zuriak edan ondotik, sententzia: "Berdin denek leher egiten ahal dute enegatik". Bainaren bat jartzearren, zalantza izan dut pertsonaia batekin, burxoroa baita. Gertaldi oso bat ematen dute haren kontura iseka: "Zakurrak saingaz eta haurrak harrika lotu zaizko". Halere, azken gertaldiak ahantzarazten dizkizu oro makurrak. Pakoren bozarekin, bozen kondaketarekin, bikaina. Ezen ondo baitio Kattalinek: "Ez izan beldur… Hau deitzen da POLITIKA".
news
argia-30fc076db845
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/ixiar-rozas.html
"Fikzio kontrolatzailea ez zait interesatzen"
Miel Anjel Elustondo
2015-03-22 00:00:00
"Fikzio kontrolatzailea ez zait interesatzen" Behinola, Etxalarren fortunatu da Antonio Zavala, Bidasoaldeko bertsolari eta bertso galduen arrastoan. Hantxe, Xamuio bertsolariarekin gertatu da, eta hark, Txirrita eta Axuraren bertsoak, gogoan harturik dauzkanak kantatu dizkio Zavalari. Bertso batean, ahantzia du lehen oina. Beltzuria liburuaren azalean ageri diren puntu ilara biak ditugu lehen oin hura, Xamuioren biloba Ixiar Rozasek hainbat gogoeta eginez berreraiki eta baliatu dituenak. Beltzuria . Liburua da, objektua da, baina ezohikoa azal eta barru. Hautu estetiko bat. Denbora luzean buruan, eta gorputzean, izandako liburua izan da Beltzuria . Hitza emakume heldu baten ahotik lehenengoz entzun nuenetik jakin nuen zerbait idatziko nuela, hitz horixe abiapuntu hartuta. Haziz eta haziz joan da eta pazientziaz zaindu dut. Ez nuen liburua edozein momentutan idatzi nahi, kalitatezko denbora nahi nuen eta, bitartean, itxoiten egon naiz. Hasieran, oso elementu gutxi zituen istorioak. Pisu handiagoa zuen ez zegoenak, absentziak, zegoenak edo neukanak baino: argazkien falta, memoria falta…   "Ahotsa zen. Haren gorputza kantu egiten zuen ahots bilakatu zen. Haren identitatea egin zuen ahotsa kandela baten moduan itzali zen arte. Ahots bat baino ez zen". Hori da liburuaren beste haria, ahotsa. Urte hauetan zehar ahotsaren gaia ikertzen jardun dut; alderdi teorikoa aztertu dut, gehienbat, baina praktikoa ere landu dut. Azkenean bi ildoak solasean jarri ditut, elkar elikatu dute, eta aipatutako denbora hori izatea lortu nuenean, idaztea erabaki nuen. Ordu arte, ohar batzuk baino ez nituen, zenbait hitz… gauza gutxi. Ohar haiek liburu dira orain… Idazketa prozesua bera ez da oso luzea izan, aurretik hartuak nituen erabakiengatik batez ere. Banekien zer ez nuen nahi, ez nekien zer nahi nuen, eta egin ahala jakin dut zer idatzi nahi nuen. Kartak mahai gainean jarri dituzu, prozesua kontatu diguzu, biluztu ere egin zara hein batean. Eta oso lasai egin dut. Jakina, zailtasun momentuak izan dira. Esate baterako, puntu batera heldu eta aspertzen hasi nintzen. Atal batean lortzen ari nintzen materialak ez ninduen asebetetzen. Baina uste dut sormen prozesuan asperdura hori zeharkatu beharrekoa dela. Gehiegi irauten badu, zerbait ez dago ondo. Idaztean tentsio puntu bat egoten da.  Momentu horri tinko eustea inportantea da, egiten ari zaren horretan sinestea… Aitona zenuen Xamuio bertsolaria Etxalarren. Harekin izan zen Antonio Zavala Bidasoaldeko bost bertsolari liburuan, eta Xamuiok kantatu zion bertsoetarik batean lehen oina falta da. Zuen aitonak ahantzia zuen. Gabezia horixe da zure liburuaren aitzakietarik bat. Sortzeari buruzko gogoeta da liburua? Ahotsari, eta haren materiari, buruzkoa? Xamuio bertsolaria berreskuratzeko saioa? Beltzuriak horiek denak biltzen ditu: biltzen du ozen esandako hitz bat, biltzen du bailara batean erabiltzen zuten hitza, biltzen du meteorologia irudi bat, biltzen du haserrearen hitza… Horrexegatik aukeratu dut hitza, beltzuri , kontzeptu horrek aukera asko eman dizkidalako. Faltatzekotan, ahotsaren elementua falta zitzaidan, baina ahotsa hitza ozen esan eta ahoratzeko unean, liburuari hasiera ematen dion irudian aurkezten dut. Liburuaren protagonista ahotsa da, besterik gabe. Ez zenuen, besterik gabe, istorio kontatzen jardun nahi. Ez, besterik behar nuen. Besteak beste, garai berean ahotsaren inguruko ikerketa egin dudalako. Errealitateak bestelako konplexutasunak ditu. Ahotsaren eta lengoaiaren inguruko gogoeta ere izan behar zuen. Beltzuria idazten hasi aurretik hartutako erabakia zen hori. Oso garrantzitsua zen bidean aurkitzen eta lantzen joan naizen istorio, pasarte, informazio, hitz, ahots eta gogoetak orainetik begiratzea. Joan-etorrian ibili naiz, liburuan sartu eta irten, baina liburura itzuliz beti, testuarentzako garrantzizkoa zena sartuz, eta bestea aparte utziz. Edizio eta muntaia lan handia dago. Material guztien arteko dramaturgian pentsatuz egin dut lan hori. Bistan da Beltzuria ez dela aurretik idatziak zenituen gisako narrazio liburua. Ez da, baina azkeneko narrazio liburua idatzi baino lehen hasi zen prozesu hau. 2003an Gau bakar bat antzerki-lana idatzi nuen, elebitan –gero Hiru argitaletxean argitaratu zen–. Eta eszenaratzeak berak gogoeta egitera behartu ninduen: nola eraman hitza espaziora? Prozesu horretan hasi nintzen ahotsa eta performatibitatearen inguruan pentsatzen. Eta Negutegia n ere bai; alegia, zenbait elementu ez hain narratibo, oraingo lanean berreskuratu ditudanak. Beraz, hamar urte iraun du. Eta, bitartean, ikusgarriak izan ez diren hainbat kontutan ibili naiz, "euskal sistema literarioaren" barruan sartu ez direnak: pieza eszenikoak, dramaturgia lanak, dokumentalak, saiakera laburrak, artikuluak, doktore tesia… Denak erlazionatuta daude, niretzat ez dago jauzirik batetik bestera, continuum bat dira. Literatur sisteman ikusgarriagoa da, askozaz, ohiko formatuko liburua, lan eszeniko edo dokumental bat baino… Bai, baina nork bere hautuak egiten ditu. Materialak idatzi, elkartu, oratu eta eskaini egin ditut, eta gero irakurlearen lana da hor oratuta dagoen hori interpretatzea. Irakurleak sortzen ditu esanahiak, ez nik; gehiago baitira esanahiaren interpretazioa eskatzen duten testuak, bestelakoak baino, eta nahita egin dut. Lanaren etika moduko bat da. Idazteko modu asko daude, eta norberak erabakitzen du non egon, baina, niri, orain, fikzio kontrolatzailea eta esanahiak guztiz murtxikatuak eta errealitatea bera gainditzen ez duten konplexutasunik gabeko testuak ez zaizkit interesatzen irakurle naizen aldetik. Beraz, sortzaile bezala ere ez. Ahotsaren inguruan duzu doktore tesia egina. Ikerketan barna egina duzun gogoetaren fruitu ere bada Beltzuria , ala? Fokua ahotsean jartzean konturatzen gara ahotsa ez dela unibertsala, ahotsa norbanakoarena dela, bakar egiten gaituena eta, aldi berean, ahotsa erlazionala dela, ahotsa dela besterekin harremanetan jartzen gaituena, eta ez hitza. Hitzak esanahia dauka, baina ahotsa harago doa, hotsa da, ez da esanahia bakarrik. Honek guztiak bat egiten du teoria feministarekin, esan gabe doa. Liburu feminista da Beltzuria . Horretan, beltzuri hitza definituz ekiten diozu liburuari, eta hiru definizio eman eta gero, honela dio laugarrenak: "Generoaren inguruan testu honetara ñabardurak ekartzen dituen hitza", eta adibideak ematen dizkiguzu. Interpretazio maila asko ditu liburu honek. Irakurle batzuek maila narratiboa lehenetsiko dute, beste batzuek esku-oharrak deiturikoa, besteek bukaerakoa, freskoagoa, zuzenagoa delako… Ozen irakurtzeko testuak ere badira bukaerakoak. Hala ere, nire ustez, idazle batek esaten duena, idazten duenaren atzetik ohi doa. Askotan, Beltzurian idatzitakoak irakurriz erantzun beharko nituzke zure galderak. Horixe da tentazioa. Baina elkarrizketa ariketa ere egin behar da, ezta? Horretan ari gara, bai. Deigarri da, zinez, liburuaren diseinua… Testua hainbeste landu eta gero, ezinezkoa zitzaidan liburuaren itxura, diseinua, ez lantzea. Banituen abiapuntu batzuk, baina hori elikatu egin dute Bigarako Jon Ander Garciak eta Itziar Aranburuk. Oso ondo ulertu dugu elkar. Antonio Zavalak puntuen bitartez nabarmendu zuen memoriaren hutsunea aintzakotzat hartu zuten azala egiteko. Eta, gainera, lehen ilarako puntu etenak eta bigarrenekoak elkartu egin dira uneren batean. Non? Hori irakurleak erabakiko du. Nora zaramatza Beltzuria ren bideak? Alegia, zein kutsu har lezake zure hurrengo sormen-lanak? Gaztelaniaz argitaratuko du datorren urtean Madrilgo argitaletxe batek. Ez dut oraingoan neuk itzuliko, baina itzultzaile izango denarekin harreman estua dudanez, prozesuan egongo naiz. Bitartean, oraintxe, saiakera labur bat amaitu berri dut, Pulsión textual ( Testu bulkada ), Quim Pujolek eta biok editatuko dugun afektuen inguruko liburu batean argitaratuko dena. Bartzelonako Mercat de las Flors-eko laugarren liburua izango da, dantza eta pentsamendua bildumaren barruan. Egia esateko, batera landu ditut artikulu hori eta Beltzuria . Artikuluan idazlearen ahotsa dut aztergai, baina ez "idazlearen ahotsa" aztertzeko asmotan, estiloa, ez. Hitzak, materia sonoro den aldetik, testu batean erabiltzen denean gertatzen dena aztertzen dut, hau da, nola eragiten edo afektatzen gaituen testu horrek, afektatzen bagaitu.
news
argia-c6fb3b5624c0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/elebideri-eskaera-kopuru-laukoitza-arrasateko-kexa-poteoari-esker.html
Elebideri eskaera kopuru laukoitza, Arrasateko "Kexa poteoari" esker
Onintza Irureta Azkune
2015-03-22 00:00:00
Elebideri eskaera kopuru laukoitza, Arrasateko "Kexa poteoari" esker Martxoaren 13an, Euskal Herrian Euskaraz taldeak kudeatzen duen Arrasateko Jai Zale tabernan eseri ziren Aitor Montes medikua eta Garazi Sagasta erizaina. Helburua: Elebiderako, Behatokirako, Sendagileen Elkargorako eta Osakidetzak eskualdeka dituen zuzendaritzetarako osasun alorreko kexak eta iradokizunak biltzea. Lan moldea: Ostirala zela baliatuz, poteoan lasai ederrean zebiltzanek kexak helaraziko zizkieten bi boluntarioei eta haiek arduratuko ziren bidalketak egiteaz. 90 kexa eta iradokizun jasotzea lortu zuten, eta Montesek adierazi duenez, gainezka egin zuten eta ezin izan zituzten eskaera guztiak bideratu. 90 horietatik 78 Elebidera bideratu dituzte. Alderaketa egiten hasita, 2013an Elebiden 228 kexa jaso zituzten zerbitzu publikoei lotuta, eta horietako 20 baino ez ziren osasunari lotutakoak. Beraz, kopurua laukoiztu da arratsalde bateko ekinaldian. Antolatzaileek, 2015ean, Arrasateko bilketa modua erabiliz edo bestelako moduez, 2.000-3.000 kexa lortu nahiko lituzkete. Herritarren presioa, eskaria, eskaintza bihur daitekeelako.
news
argia-e5b2024687b8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/intxaurrondoko-itzalak.html
Galindok barrabilak estutzen zituenekoa
Xabier Letona
2015-03-22 00:00:00
Galindok barrabilak estutzen zituenekoa Mikel Zabalza  atxilotu zuten gau berean eraman zuten Ion Arretxe Intxaurrondoko kuartelera. Tortura latzak jasan zituen, eta orduan bizitakoa bildu du liburu batean. Intxaurrondoko kuartela, 1985eko azaroak 26.     Norbait garrantzitsua sartu zen gelan. Berehala nabaritu nuen. Akaso bere inguruan egin zen isiltasunagatik, edo hartu zuten morrontza moldeagatik. Nire aurrean jarri zen… Kaputxa kendu zidan…     –Ba al dakizu nor naizen?– galdetu zidan.     –Bai. Galindo zara.     –Zure komandokoek jarraipenen bat egiten ari zarete edo?     –Ez, inondik ere ez.     –Orduan zergatik ezagutzen nauzu?.     –Telebistan ikustetik ezagutzen zaitut.     Barrabiletatik heldu eta bihurritu egin zizkidan.     –Gauzak kontatzeko ekarri zaitugu hona… Beraz ez dezagun denborarik galdu eta hasi hitz egiten mutil… bestela, lehertu arte bihurrituko dizkizut barrabilak.     Barrabilak estutu zizkidan eta jota utzi ninduen. Kaputxa jarri zidan berriz eta alde egin zuen.      Horrela ezagutu zuen Ion Arretxek Enrique Rodríguez Galindo, garai hartan Intxaurrondoko Guardia Zibilaren buru zena, eta geroago Joxi Lasa eta Joxean Zabalaren tortura eta hilketengatik espetxeratutakoa. Rodríguez Galindok 75 urteko kartzela zigorra bizkarreratu zuen baina 4 urte pasa zituen espetxean, gaixotasun larria argudiatuta eman zioten askatasuna. Ion Arretxek Madrilen aurkeztu berri duen Intxaurrondo. La sombra del nogal (Intxaurrondo. Intxaurrondoaren itzala) liburuaren pasarte bat da goikoa. 2008an egin zen ezagun bera ere Mikel Zabalza atxilotu zuten gauean eraman zuela Guardia Zibilak. Eraman eta torturatu. Urte horretan, Jaime Rosales zine zuzendariak Tiro en la cabeza filman protagonista etakide bat zen aktore nagusiaren papera eman zion eta, horren harira, Ion Arretxek 1985ean atxilotu zutenekoa kontatu zuen. Madrilen bizi da egun eta gidoilari, marrazkilari, zuzendari artistiko eta idazlea da. Arretxe 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak Errenteriako bere gurasoen etxean, 21 urte zituela. Gau horretan bertan atxilotu zituzten Mikel Zabalza, Idoia Aierbe haren neskalaguna, Zabalzaren lehengusu bat eta Ion Arretxe bera. Guardia Zibilak ETAko komando bateko kide izatea leporatu zien, baina Arretxeren esanetan berak ez zituen beste hiruak ezagutzen. Arretxe etxean atxilotu eta mendira eraman zuten, kolpeez eta irainez gain, erreka batean burua behin eta berriz sartu zioten, ia itotzeraino. Tortura latzak jasan zituen hamar eguneko atxilo aldian eta, Madrilgo Carabanchelgo espetxean hiru egun egin ondoren, epaileak kargurik gabe libre utzi zuen. "Nik ez nuen inoiz ikusi Zabalza –dio Arretxek liburuan–, eta zer gertatu zen segurtatzeko moduko ausarta ez naiz izango. Baina irudika dezaket, eta ez da asko irudikatzea, atxilotu gintuzten gauean ni eraman ninduten toki beldurgarri eta ilun berera eramango zutela, burua erreka berean sartuta torturatuko zutela, eta eskuetatik joan zitzaiela". "Zabalza eskuetatik joan zaie" Pedro Gómez Nieto guardia zibila Intxaurrondon zegoen garai haietan eta CESID Espainiako zerbitzu sekretuen buruetakoa zen Juan Alberto Peroteri zera esan zion 1985ean: "Zabalza eskuetatik joan zaie, galdeketetan geratu zaie". El Mundo egunkariak eman zuen horren berri 2004an. Antza, hil eta berehala kuartelean bertsio bat asmatu zuten: atxiloketaren gauean hiru guardia zibilek zainduta zulo batera zihoazenean Bidasoara egin zuen salto Zabalzak. Horretarako, Intxaurrondoko igerileku batean –beste batzuen esanetan Bidasoako urez betetako bainuontzi batean– eduki zuten gorpua, eta egun batzuk geroago Bidasoara bota zuten. Espezialista askoren ikuspegitik, ostera, Zabalzaren ihes modua sinesgaitza zen. Baina 25 urteren ondoren kasua artxibatu egin zen eta hala jarraitzen du.
news
argia-c3f1097368ce
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/gorotz-melenga.html
Gorotz melenga
Itxaro Borda
2015-03-22 00:00:00
Gorotz melenga Auzoa ez dute patitzen, beltzak eta arabiarrak partida dituzte, zainetan plazaratzen diren biktima gaizoak dira, larderiazko aroaren etorrera iragartzen digute gaiztoki: ikusiko duzue zer gertatuko zaizuen gobernuan diratekenean… mehatxuak eta izuak banatzen dituzte ahapez, ordezkatzen duten alderdia ez delako, jada ederki banalizatua den arren, arras katolikoa –errateko moldea da, noski–. Euskaldunak dira, fededunak, Frantziaren iragan distiratsu baten nostalgikoak, min eta zauri guztiak beti besteren erruz datozela errepikatzen zinpurtzen direnak! Errobi eskualdean, semea FNko zerrendaburu duen emazteari begira nagokio. Oilo koloka urguilutsu eta egoskorraren antzera bermatzen zait aitzinean: ez dut bere gorrotoa ulertzen, dena dauka zoriontsu izateko bizitza ezer ez duen lagun protsimoaz jeloskor higatu gabe. Kopeta apaltzen dut eta, ezintasunaren uholde itogarria bailitzan, negar gutizia nigan igotzen nabaritzen dut. Gorotz melengak zikintzen ez duen izkina izpirik ez baita gehiago herra zilegi bezain lege dagoen bazter hauetan. Irabazten utziko al ditugu?
news
argia-f39787b9a104
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/kaguen.html
Kaguen�
Anuntxi Arana
2015-03-22 00:00:00
Kaguen� Zeberion kontatua, errotari batek "Mekaguen la Señora de Anboto" esan ei zuela eta Señorak errota paratu egin ziola; harik eta gizona, apez batek ondo aholkaturik, hartzulora joan zitzaion arte, barkeske. Eta errota berriz abian ezarri ziola Señorak, egiazko handiei doakien magnanimitateaz. Bidarrain, mendi-mendian den Harpeko Saindura joan zen apez bat, eta hangoa ikustean esan omen zuen: "Hau deus ez duk, hau kaka Saindia duk!". Eta etxeratutakoan sekulako beheitikoa jauzi zitzaiola. Saindu hura egiazkoa zelako froga, gaineratu zuen kontalariak, irriz. Logikoa: misiolari batek paganoen aurrean jainko-irudiak apurtu eta bertan suntsitua ez bazen, idolo faltsuak zirela ezagutzen zen. Jesukristo munduan gaindi ibiltzen zen garaian, Bithirinan iragan zen, Azpineko bidean, omen. Gizon bat atzeman zuen, bere orga-otea uzkailirik eta saihetsean otoizka; Jesukristo aitzina joan zen, kasurik egin gabe. Eta gero beste bat atzeman zuen, sakre-mandoka bere orga ezin altxatuz ari; eta hura lagundu zuen. Otoitz ari zena ez zuen batere lagundu, zehaztu zuen kontatzaileak, entseatzen ez dena ez duelako Jainkoak laguntzen –eta bost axola biraoa... Istorio hau entzun zutenek ere barre egin zuten. Frankismo pean delitua zen biraoa, eta Tutera aldeko mandazainak sakre zaleak, inon baldin baziren. Baten bati gurdia uzkaili eta kaguendioska hasi zen. Aguazilak entzun, 25 pezetako isuna ezarri eta herriko etxetik pasa zedila, ordaintzera. Heldu da mandazaina leihatilara eta 100 pezetako billete bat ateratzen du. Funtzionarioak, ez duela xeherik atzera emateko eta biharamunean itzultzeko 25 pezetarekin. Eta besteak orduan: "Kaguendios, kaguendios eta kaguendios: kobra dena!". Hitzetik hortzera erabili izan dira biraoak gure ezaupidean, cool eta alaiki maiz. Eta konplizitate zerbait sumatu ohi da blasfematuaren eta blasfematzailearen artean, bataren errekonozimendua balitz bezala bigarrena, biraoa intrintsekoa zaiolako erlijioari. Aldatuko al zaizkigu gauzak orain eta, bakeagatik, blasfemiak berriz zigortuko? Zein zigortu, ordea? Denak ala bakarrik defendatzaile armatuak dituztenen kontrakoak? Eta, trukean, lasai pikutara bidali Anbotokoa, Wakan-Tanka, Xangó eta konpainia guztia, haien jarraitzaileak anitz eta sentiberak badira ere. Araiz, gaia ez da gehiago aktualitatera etorriko. Baina beldurrak bere lan dongea egina du eta auto-zentsuran gaude. Ez dezala bederen legeak berma.
news
argia-c1fa82518feb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/eskerrak-gardentasun-garaian-gauden.html
Eskerrak gardentasun garaian gauden
Xabier Letona
2015-03-22 00:00:00
Eskerrak gardentasun garaian gauden NAFARROAKO KUTXAREN desagerpena ikertzen duen Nafarroako Legebiltzarreko batzordeak martxoaren 20an aurkeztuko ditu ondorio nagusiak. Funtsean, ezingo du bere helburua  bete duela esan, hau da, CANen desagerpena nola gertatu zen azaltzea. Hasieratik sumatzen zen bezala, hori hurrengo legealdirako geldituko da, Legebiltzarreko osaketak horretarako aukerarik ematen badu bederen. Baina ahaleginak merezi izan du, zalantzarik gabe, batez ere hainbat datu eta borondate oso agerian geratu direlako. Bat, CANeko kudeatzaile ohiek ez dute ikerketarik errazteko inongo asmorik, ezta kudeaketa hau zaindu behar zutenek ere. Bi, PSN berriz izan da giltzarri Batzordeak egiazko ikerketarik egin ez dezan eta berriz UPNrekin aliatu da elkarrekin azken 30 urteetan egindako ibilbidearen babesean. Hiru, agertutako datu, azterketa eta borondateek, argi utzi dute CANen kudeaketa oso txarra izan zela. CAN Fundazioak, Espainiako Bankuak, Caixabankek, FROBek (Banku Erreformarako Birrantolaketa Ordenaturako Fondoa) eta CECAk (Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa) ukatu egin diote Nafarroako Legebiltzarrari honek eskatutako informazio esanguratsuena. Madrilgo Parlamentuko batzorde batek eskatu izan balio, hari ematera behartuta leudeke, baina parlamentu autonomo bati ez; funtsean, datuen babeserako legea urra dezaketela argudiatu dute. Eskerrak ustelkeriaren aurkako eta gardentasunaren aldeko garaian bizi garen! Diruaren kudeatzaile erraldoiak Ezkutalekun gotortu dira, baina diruaren zaintzaile txikiek leihoak ireki eta aire freskoaren sarrera ahalbidetu dute. Hori da Nafarroako Kontuen Ganberak beste behin ere egin duena. Nafarroako Legebiltzarrak eskatu zion aztertu zitzala CANeko kontuak 2001etik 2011ra, tartean Banca Cívicaren  sorrera. Ondorioak beste behin ere azpimarratu du gertatutakoaren hondamendia: 2009an banku fusioen prozesuari ekin aurretik CANek 1.170 milioi euroko balioa zuen eta prozesu honen amaieran, 2011n, Caixabankek 175 milioitan erosi zuen. Zer gertatu zen tartean? Hori ezin duela erantzun aipatu du Kontuen Ganberak, horretarako informazio nahikorik ez duelako. Hilaren 20an talde bakoitzak bere ondorioak aurkeztuko ditu Legebiltzarreko ikerketa batzordean eta martxoaren 26an eztabaidatuko da osoko bilkuran. PSN berriz izango da UPNren makulu eta Ezkutalekuko leihoak hurrengora arte itxiko dira tinkotasunez. Testuinguru honetan, Maria Chivite PSNko lehendakari hautagaiak hurrengo legealdi hasierarako garbiketa demokratikoa eta gardentasunari buruzko batzordea agindu du. Txiste txarra, hori da esan liteken txikiena. Epaitegiek kontrakorik erakusten ez badute, Espainiako legediak berriz erakutsiko du nahiago duela datuak ezkutatzen laguntzea, gardentasun eskaerari bide ematea baino; nahiago duela boteretsuen defentsan jardutea, herri borondatearen ordezkari den Legebiltzarrari erantzutea baino. Alde ona da hori guztia gero eta garbiago ikusi dela orain, besteak beste, oposizioak ikerketa batzorde hau bultzatu duelako. ALDAKETA nahi du alderdi batek eta honako mezuak luzatu dizkio gizarteari: "Egungo sistema indibidualistaren aurrean mugimendu sozialek bultzatzen duten alternatiba solidarioa nahi dugu". (...) "Pertsona askoren ustez ez dago ekonomialari dogmatikoek egia zientifikotzat saldu nahi dituzten ekonomia kapitalista basatia eta muturreko kontsumoa baino bestelako ekonomiarik" (...) "Pentsamenduaren alor desberdinetatik hamarkadatan lantzen ari den Oinarrizko Errenta Unibertsala da aztertu behar den proposamenetako bat". (...) "Gure proiektua gehiengo zabalak bilatzeko sortu da" (...) "Eraldaketarako tresna gara". Hego Euskal Herrian EAJ, EH Bildu, UPN, PSOE, PP eta Podemos izango dira eskaintza nagusiak oraingoz. Gorago aipatutako esaldiak EAEko Podemosen Euskal Hiriaren agiri batekoak dira. EAEko Podemosek esan du, gobernatzeko indarrik ez badu, nahiago duela oposizioan egotea. Kultura politiko oso desberdinetakoak izan arren, ulergaitza litzateke Podemosek eta EH Bilduk bat ez egitea hainbat lekutan gobernatzeko, botoek horretarako aukera emango balute.
news
argia-30c071e87695
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/sagar-moreen-iraultza-hernanin.html
"Beldurra lekuz aldatuko dugu!"
Kattalin Miner
2015-03-22 00:00:00
"Beldurra lekuz aldatuko dugu!" Sagardotegi garaian jazotzen diren (eta eragiten dituzten) eraso sexista, baboseo eta oro har jarrera matxistak salatu eta kaleak emakumeek berreskuratzeko manifestazioa egin dute martxoaren 14an Hernaniko kaleetan. Ordua ez zen ohikoa, egoera ohikoa ez den bezalaxe. Ilunak kale basatiak hartu zituenean hasi zuen manifestazioak martxa. Ehunka emakume azaldu ziren, antolatzaileek eskatu gisan, beltzez eta aurpegiak estalita. Sentsazio urduria nabari zen parte-hartzaileen artean, izan ere ondo zekiten zer espero zuten taberna arteko kale giroan, emakume hernaniar eta ez hernaniarrak ohituta baitaude urtean zehar jada hain emakumezkoenak ez diren kaleak sagardotegi garaian nola desjabetzen dizkieten ikustera. "Ez gara probokazioetan eroriko. Helburua manifestazioa bukatzea da, eta arazorik izanez gero, abisatu alboetan izango dituzuen segurtasun arduradunei". Bazirudien, une batez, gerra hastera zihoala, baina hainbat urtetan garai hauetan aldarri feministak txertatzen ibili denak ederki daki zer datorkion gainera. Batukadak gidatuta martxak Andre Kaletik hasi zuen bidea, egun osoan zehar tragoa esku artean lasai ibili zutenen harridurarako. Askok ongi ulertzen ez bazuten ere, nabari zuten ez zela hain kontu ludikoa danborren atzetik zetozen horiena, eta oihuak hasi ahala argitu zitzaien manifestazioaren zioa. "Ez, ez, ez, erasorik ez!", "kaleak, gauak, geureak dira", "matxirulo, entzun, pin, pan, pun!" eta halakoekin hartu ziren lehen kaleak. Borroka feministaren aldeko oihuak ere ez ziren falta izan, baina edonola ere, oihuak ez ziren behingoagatik oihu etsituak ezta leloa jarraitu beharragatik errepikatutakoak. Nabari zen ozen eta garrasika aritzeko beharra, eta hala, minutu gutxitan, sagardotegi garaian kaleek izan ohi duten itxura erabat aldatu zen. Izan ere, eraso sexistez gain, bada espazioaren erabileran desoreka handi bat, jai-giro, taberna edota kaleak bi taldetan banatzen baitira halakoetan: "Ezin kabitu" dabiltzanak eta zuzenean, lekurik ere ez dutenak. Joan den larunbatean, lekurik ez izateaz nazkatutakoek ere erdigunea lortu zuten, une batez bada ere, eta kabitu ezinek pauso bat atzera egin behar izan zuten tarte batez. Oro har manifestazioak lasai egin zuen bidea, eta antolatzaile eta parte-hartzaileen artean sentsazio gozoa nabari zen jasanezina den giro ezagun hori minutu batzuez desitxuratu izanagatik behintzat. Kaleak berreskuratzeak ematen duen ahalduntze sentsazio horrekin ekin zieten amaierako hitzei, eta argi egin zuten autodefentsa feminista erabiltzearen aldeko deia, eta beldurtuta bizitzeaz eta ibiltzeaz nazkatuta zeuden emakumeen oihuak argitu zuen etorkizuna: "Beldurra lekuz aldatuko dugu!".
news
argia-18944663a1f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/txiste-bizi-naiz-eta.html
Txiste bizi naiz eta...
Joxerra Garzia
2015-03-22 00:00:00
Txiste bizi naiz eta... Badoaz bi ehiztari basoan barrena, eta, halako batean, bietako bat ziplo erortzen da lurrera, konortea galduta. Besteak, izututa, larrialdietarako telefonora hots egiten du, eta telefonoa hartzen duenari esaten dio: "Uste dut nire laguna hilda dagoela. Zer egin behar dut?". Telefonoz bestaldekoak honela erantzuten dio: "Aurrena, ziurtatu behar duzu zure laguna hilda dagoela". Orduan, tiro bat entzuten da, eta segidan ehiztariaren galdera: "Bale, eta orain zer egingo dut?". Honaino, txiste zahar eta ezaguna. Txarra ez, baina ezta nire kuttunenetakoa ere. Hortik nire harridura, prentsatik jakin nuenean zer eta munduko txisterik onena omen dela.  "Omen" esan dut, baina omena kendu beharko nioke (zalantza, alegia, ez izen ona), ikerketa zientifiko bezain serio, serio bezain luze eta luze bezain garesti baten emaitza baita ebazpen hori. Ez da, beraz, zu eta ni bezalako to eta no txotxolo ezjakinen lagunarteko usteketa ustela, zientziaren azken epai erabatekoa baizik. Munduan ahoz aho, paperik paper eta pantailaz pantaila dabiltzan txiste guztien artean parerik ez duen txiste paregabea da gure ehiztari parearena. Amen. Aurreko paragrafoak garbi asko erakusten duenez, oso tarte txikia dago omenetik amenera, oso tarte txikia dagoenez. Bidea are laburragoa da, noski, kutsu akademikoa duten zertzelada batzuk ematen badira. Adibidez, psikologo bat dela ikerketaren zuzendaria (izena da gutxienekoa, alboan "katedradun" eta "university" bat aipatuz gero).   Onenaren (txiste, kirolari, herrialde edo beste zernahitan onena denaren) peskizan, hala jarri nahi gaituztela, horra nire susmo beltza. Eta onena ez denean, beste superlatiboren bat aukeratu, eta hor hasiko zaizkigu hitzik edo kanturik edo hiririk politena izendatzeko lehian. Eta kontuz, alferrik baita inposatu nahi diguten hori ukatzen hastea. Alferrik dela, alegia, txiste hoberik badela esatea, edo euskarazko kanturik onena ez dela Xabier Letek Xalbadorri eskaini ziona, edo gaztelaniazko hitzik politena ez dela "paz" (horraino iritsi zaizkigu eta). Ez, botereak hitzez hitz dioenari kontra egitea ez da estrategia egokia, boterea gizendu baizik ez baitu egiten. Botereari kontra egiten diogulakoan, hark ezarri nahi dizkigun eskema eta parametroak onartzea da hori. Irakurri horretaz, mesedez, George Lakoff-en Don´t think of an elephant liburua, sarean eskura daitekeena (ingelesez eta gaztelaniaz dohainik, euskaraz ordaintuta ere ez noski, tamalez). Hemen axola duena ez da txisterik (edo dena delakorik) onena zein den. Hemen kontua da "onena" kontzeptua irentsarazi nahi digutela, aurretik ezin bada atzetik sartuta. Kasu bakoitzean onena zein den eztabaidarekin entretenituta gauzkate, onenaren kontzeptua irrigarria ez ezik gaizto eta arriskutsua dela ohartu eta aldarrikatzen hasiko garen beldur. Ilargia seinalatzen dion atzamarra ikustean ilargiari gabe atzamarrari begiratzen diona ergel tenteltzat hartu ohi da, baina hori da modu bakarra konturatzeko atzamar hori esku baten atal dela, eta eskua beso batena, eta besoa gorputz batena, eta gorputza pertsona batena, eta pertsona nola edo halako botereren batena, eta dena delako botere horrek gure nagusi izaten jarraitu nahi duela, morroi eta mirabe behar gaituela, zoriontsu plantako inozo. Gehiago behar genituzke horrelako ergel tentelak, hartara munduak agian utziko lioke, halako batean, txiste txar bat izateari.
news
argia-30342dc6bbb9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/bittor-kapanaga.html
null
Mikel Asurmendi
2015-03-22 00:00:00
Argizaiolak ilustratzen du Euskera erro eta gara liburuaren azala: "Badu zerbait magikoa argizaiolak. Forma misteriotsu hori, barnean zerbait astintzen diguna. Gainera, ilunpea argitzen du, Bittorrek askotan egin ohi zuen bezala", diosku Elexpuruk. Kontrazalean iragana eta modernitatea irudikatuta daude: "Ez zuen atzera begiratzen bakarrik. Kapanagak iragana arakatzeaz gain, orainari eta geroari buruzko proposamenak egiten jardun zuen politikan, kooperatibagintzan, euskara batuaren gorabeheretan... Pentsalaria, filosofoa zen beste ezer baino gehiago. Aztia, txamana edo orakulua zela ere badiote bere lagunek". Haren lanaz, berriz, horrela mintzo da editorea: "Lehenengo nabarmenduko nuke bere prosa, oso dotorea. Idazle ezagun batek esaten zidan Mitxelenaren edo Atxagaren inbidiarik ez duela estilo aldetik. Edizio lanari dagokionez, nahiko ohitua nago inoren liburuak editatzen, baina hau ezberdina izan da. Hasteko, aukeratu egin behar izan dut: gaurko euskara batura ekarri, dagoenetan utzi edo erdibideko zerbait egin. Azkenean, zegoenetan uztea erabaki genuen, eta erratak zuzentzera mugatu naiz ia bakarrik. Bittorrek ondo pentsatuta idazten zuen hitz bakoitza, eta haren espirituari iruzur egitea izango zen bere lanak gaurko batura ekartzea. Batu zalea zen arren, tximistaren bat jaurtiko zigun euskara edo gabe jarri izan bagenitu jatorrizko euskera eta bage ren ordez". Euskera erro eta gara da, eta ez Euskara erro eta gara , alegia. "Bertsolarien adieran, bigarrenaren errima goxoago izan arren...". Irriz hartu du burutapen hori: "Errima hobea du, noski. Baina berak zerbait bazeukan garbi horixe zen, euskera zela gure hizkuntza eta ez euskara; –era dela bigarren osagaia: hizkera , gipuzkera , bizkaiera , italiera , japoniera ... Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria, euskaldunen %70k euskera , erdal hizkuntzetan ari garenean euskera eta batuan euskara ? Uste dut ez zitzaiola arrazoirik falta". Refranes y Sentencias liburua dela eta, Mitxelenarekin sestran jardun zuen: "Bittor heterodoxoa zen, espiritu kritikoa zuen. Autoritate argudioek ez zuten harekin balio. Euskaltzaindiarekin harreman handia izan zuen, bazituen lagunak eta ez hain lagunak. Titulu gabea zenez, eta apala gainera, zenbaitek ez zion begirune handirik. Refranes y Sentecias eko esaera batzuen interpretazioarekin ez zetorren bat. Artikulu bat argitaratu zuen Euskeran. Eztabaidatuena: 'Erioak Erezan, Butroeko alabea Plentzian'. Kapanagak ' Manantiales en Ereza, la hija de Butrón en Plencia ' itzuli zuen. Zentzugabetzat zeukan originalak zekarrena, Mitxelenak ontzat eman zuena: ' El tártago mató a la hija de Butrón en Plencia '. Diotenez, errenteriarra asko haserretu zen Kapanagaren lana akademiaren aldizkarian argitaratu zelako. Nolanahi ere, gaur egun gehienek diote bete-betean asmatu zuela Bittorrek". Euskara batua hizpidean, batuari eta euskalkiari buruzko gorabeherak izan dira betiere. Bizkaieraren bilakaera minez bizi zuen Kapanagak. "Euskara batuaren prozesua hasieratik bukaeraraino bizi izan zuen. Baionan zen 1964an, Txillardegi k antolatutako bilkura erabakigarrian, baita Arantzazun ere 1968an, Euskaltzaindiaren batzarrean. Batuaren alde zegoen, baina astiro egin behar zela zioen, euskalki bakoitzetik onena hartuta. Bizkaiera euskalki arkaikoena da, forma zaharrei ondoen eutsi diena bere iritziz, eta amorruz bizi zuen euskalki horren bazterketa batua eraikitzeko orduan. 'Euskera' eta 'bage' aipatu ditugu, eta aditzean, esaterako, 'zuek zare' proposatzen zuen. 'Zarete' aberrazioa iruditzen zitzaion. 'Orduan, zergatik ez 'garete'?', esaten zuen". Kritikoa zen "eruditoekin". Sarri botatzen zizkien eztenkadatxoak. Euskera erro eta gara lekuko: "Gure 'erdipurdiko aro' honetako euskalariak zertan ari zaizkigu? Urre mea baten gain eseririk, ea lur gorrizka horrek liliak landatzeko balio ote duen analizatzen". Alabaina, Kapanaga oso optimista zen, "Hizkuntzak, itsasoak bezela, beti joko du bere eremuak berreskuratzera", esaldian ageri denez: "Jakitun zen hizkuntza asko galdu dela historian, baina itxaropena zuen euskarak bere eremuak berreskuratuko dituela, urak bezala. Ni ez naiz hain optimista, baina irakurri berri dut Zalduondon %1'8 zirela euskaldun 1981ean, eta orain %37 direla. Badator ura gora". Ura, sua, haizea, lurra, zuhaitza elementuek garrantzi handia dute Kapanagaren azterketa linguistikoan zein antropologikoan. Oso ondo ezagutzen zituen natura eta hari lotutako hizkuntza. Euskera n aurkitzen zuen gure ingurua eta iragana interpretatzeko hainbat giltza. Euskaldunon ikuskera da, agian, bere pentsamendua ezagutzeko obrarik egokiena. Hamaika gai jorratzen ditu, batzuetan gehiegi sakondu barik. "Sua ote zen Bittor Kapanaga?", itaundu dugu Elexpuru: "Zer esan? Ura bazen eta sua ere bai, baina motela, txingar handikoa baina garra apalekoa, harrokeria gutxikoa. Gontzal Mendibili esan ohi zion, 'Arestiren Aitaren etxea defendituko dut ondo egon da sasoi baterako, baina Amaren sua berpiztuko dut hartu behar genuke garai berrietarako'". Lotsatia zen, baina bere egia edozeinen aurrean agertzeko lotsarik ez zuen. Jakin-min eta sen handikoa. Goxoa eta malgua, beretzat inportanteak ziren gauzetan amore ematen ez zuena. Austeroa. Bakarrik bizi zena; ezkongabea nahita, libertatea galtzeko beldur. Psikologo ona. Berriketa-lagun paregabea. Gauzei ezusteko ikuspegietatik begiratzen zekiena. Joan badoan  iragan garaiko seme: "Hamaika urte zituela bere begiekin ikusi zuen gerrateko lehen bonbardaketa. Gerra oste iluna; nerabezaroa behiak zaintzen eta irakurtzen. Hogei urterekin Eibarrera. Hura izan zen bere unibertsitatea. San Martin, Laspiur, Basauri... Han jantzi zen. Hogeita hamahirurekin Otxandiora itzuli eta herrigintzan murgildu zen, kooperatibak sortu zituen, baserria alokatu eta behiak ipini. Baina bere bihotzeko kuttuna euskera zen. Hura aztertzen eta hauspotzen eman zuen bizitza erdia". Hil ostean, adiskide izandako hogeita sei lagun elkarrizketatu zituzten bideoz. Interneten dago guztia. "Otxandioko aztia" idatzita bila daiteke: "Miresmena da denen jarduna laburtzen duen hitza. Tematia, burugogorra zela ere esan zuen batek baino gehiagok. Gauza bat garbi bazuen ez zuen erraz atzera egingo". Azken belaunaldikoekin oso ondo moldatu zen halere. Igor Elortza eta Unai Iturriaga, esaterako, oso lagunak zituen. Herriko Tabernan orduak pasatzen zituen egunkariak irakurtzen, eta gazteak sarri hurbiltzen zitzaizkion berriketan egitera. Gazteak pozik eta bera ere bai. Editoreak liburua irakurtzera animatu nahi ditu euskaltzaleak, batez ere filologoak: "Joera dago 'ofiziokoen' artean Kapanagaren ideiak mespretxatzeko, ezagutu gabe sarri. Ehunka etimologia proposatzen du eta euskararen iraganaz hipotesi interesgarriak plazaratzen ditu. Beti ez du asmatuko, baina beste batzuek ere ez. Ilunpean ibiltzen gara horrelako gaietan, baina ilunpe horretarako ez da argizaiola txarra Kapanagaren obra".
news
argia-25ada5ae649a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/zergatik-egoskortu-ahtrekin.html
Zergatik egoskortu AHTrekin?
Juan Mari Arregi
2015-03-22 00:00:00
Zergatik egoskortu AHTrekin? Abiadura Handiko Trenaren aldekoek, batez ere Espainia, Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, baina baita etekin handienak aterako dituzten zementugile eta ingeniaritza enpresek ere, azken egunotan sekulako zaplaztekoa jaso dute aditu independenteen partetik. Laburrean, legebiltzarreko egoitzan azaldu dute AHTa –eta bereziki "Euskal Y"-a– ez litzatekeela eraikitzen hasi behar inoiz, finantzen ikuspegitik ez delako bideragarria, ezta jasangarria ere, ingurumenari eta gizarteari begiratuz gero. Erakundeei proposatu diete proiektua geratzea, eta aurrera segituz gero, abiadura handiko linea birmoldatzea erdibidean geltokiak izango dituen ohiko abiadurako trenbide bat eginez. Hasierako proiektuak EAEko hiru hiriburuak lotzea baino ez du helburu eta Iruñea korridore baten bidez konektatzea. Txartelen prezioa 25 euro ingurukoa litzateke hiriburu batetik bestera, eta Madrilera joateko berriz 75 eurokoa. Elitista izateaz gain, ez luke inolako abantailarik izango autobusarekin alderatuta, hau askoz merkeagoa baita eta ibilbide bera egiteko minutu gutxi batzuk gehiago besterik ez baititu behar. Europarekiko konexioa funtsezko helburutzat dute, baina momentu honetan ez du inolako datarik. AHTk Euskal Herrian 10.000 milioi euroko aurrekontua zuen: 6.000 milioi "Euskal Y" delakoak, 3.150 milioi Nafarroako korridoreak eta beste 1.000 milioi Lapurdiko zatiak. Oraindik 4.000 milioi euro jarri behar omen dira. Gauzak horrela, zergatik egoskortu ingurumena eta ekonomia kaltetzen dituen proiektu antisoziala aurrera eramaten? Arrazoi bakarra baizik ezin daiteke egon: proiektua inoiz eztabaidatu nahi izan ez duten horien interes politikoa, beste talde sozial, herrikoi eta politikoen –bereziki ezker abertzalearen ingurukoak– eta ETAren ikuspegiaren aurrean inposatu izanagatik. Orain proiektu hori geraraztea litzateke, praktikan, "estremistei" arrazoia ematea. Eta hori ezin dute onartu. Kosta ahala kosta egingo dute, hori bai, diru publikoarekin, nahiz eta aditu horietako batek dioen "helikoptero zerbitzua" errentagarriagoa litzatekeela "Euskal Y"-a baino. Latza da hori gero, egoskortuta dauden instituzioetako kideentzat!
news
argia-4a4aa6854982
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/gosea.html
Gosea
Jakoba Errekondo
2015-03-22 00:00:00
Gosea Gosea kudeatzea izango da etorkizunean negozio emankorrena. Automobilak eta segapotoak egiten dituena aberastuko da, baina Kristina gure izeba zaharra zenak esaten zuen bezala: "Txori guztiak mokodun". Denok jan behar dugula, alegia. Hemendik aurrera mundua hankapean izateko arma nagusia gosea izango da. Herri bat estutu nahi dugula? Gose pixka bat eragingo diogu. Herri bat eraitsi nahi dugula? Tori gose gaindosia. Gaur egun dirua duenak eta etorkizun luzeko inbertsioa egin nahi duenak jakiei begiratzen die. Landareak berenganatzen ari dira. Geuk eta geuk jango ditugun animaliek jan behar dituzten janariak patentatu egiten dira. Hau da, enpresa edo jende jakin batzuek beretzat hartzen dituzte bizidun batzuk. Gero horien aberastasun genetikoa berena dela diote, eta, antzeko bizidunengan gene horiek ere badaudenez, denborarekin dena berena izango da. Milaka urtetan hobetu eta hautatutako aldaerak (patata, babarruna, piperra...) esku pribatuetara igarotzeko bidea abiatua da. Imajina dezagun: Tolosako babarruna edo Errioxako tempranillo mahatsa edo txalaka sagarra edo... jabe batzuen esku. Baliatu nahi duenak ordaindu egin behar. Eta, dirua izanagatik, ukatu ahalko dute. Lurrak berenganatzen ari dira. Afrika eta Hego Ameriketan lur sail ikaragarriak erosten ari dira. Lurraren jabegoak dakartzan bitsaren gaineko jarrerak ikusten ditugu, dagoeneko: bertan bizi diren kulturak gutxietsi, haiek lantzen dutena sarraskitu, munduko merkatuan sartu nahi dutena egiten jarri (gaur kafea, bihar soja, etzi limoia...) eta esklabotza eredu berriak haztatu. Lehengaiak berenganatzen ari dira. Adibidez, nekazaritzan behar izaten diren zenbait ongarriren guneak: Lurrean urri xamarrak dira fosforoa eta magnesioa, eta horien harrobiak pribatizatzen ari dira. Farmazia industria, kimika industria, bankaren industria... eta nekazaritza industriala. Hortik dator gosearen demokrazia. Adi!
news
argia-0879292dd1fc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/urkamendia.html
Urkamendia
Jakoba Errekondo
2015-03-22 00:00:00
Urkamendia Pinudian barrena bidea. Bidea ixtea komeni. Tarteka ireki egin behar. Gereta, ataka edo langa, zerbait jarri behar. Eta hari eusteko baldoa. Burdin hagarekin zuloa egiteko eta zur-mailuarekin jo eta sartzeko lanak hartu beharrean, errazena: aldameneko pinu tukurrari lotu. Ahaztu dira gero itxiturak eta geretak. Baita pinuaren lepoa itotzen duen soka ere... Baso urrunetako kontua balitz, gaitz erdi. Kale-kalean ere nonahi ikusten dira urkamendiak...
news
argia-f174edd05799
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/nolako-errusia-da-vladimir-putinek-buruan-darabilena.html
Nolako Errusia da Vladimir Putinek buruan darabilena?
Pello Zubiria Kamino
2015-03-22 00:00:00
Nolako Errusia da Vladimir Putinek buruan darabilena? Putin anti-modernoa da, kontserbadorea eta inperialista. Mendebaldea eta nabarmenago Europa gainbehera datozela sinetsirik, eredu politiko eta sozialtzat "bide errusiarra" aldarrikatzen du. Hori dio Michel Eltchaninoff filosofo frantsesak, politikariaren erreferentzia teorikoak azterturik 'Dans la tête de Vladimir Poutine' liburuan. Hainbat liburu arrakastatsu  plazaratua du Michel Eltchaninoffek, tartean telezaborra analizatzen zuen "L'Experience extreme" polemikoa. Philosophie Magazine hilabetekariaren zuzendariorde da. Fenomenologia eta pentsamendu errusiarrean berezitua, Dans la tête de Vladimir Poutine argitaratu du, bere ustez Errusiako liderrak darabiltzan ideien deskribapena. Gizarte zientzietako liburuez informazio eta elkarrizketa aberatsak eskaintzen dituen La Vie des Idées gunean elkarrizketatu dute. Hona han esanen pasarte hautatuak. Sobietar aroaren oinordekoa da Putin, bere  lehenengo berrogei urteak Sobietar Batasunan bizi izan ditu. Ondo erantsi zaizkio orduko balioak, abertzaletasuna, militarismoa, potentzia handiaren konplexua. Lan egin du bere ustez nazioaren elitea biltzen zuen KGBn, 1991n FSB bihurtua. Aldiz, badirudi ez duela inoiz sinetsi Estatu ekonomiaren eredu komunistan edo klaserik gabeko gizartean. Ondorioz, 1999an agintera iritsi denetik sobietartasuna ezarri nahi izan du berriro. Hala ere, berak aitortu du asmoa duela uztartzeko tsarismoaren eta komunismoaren herentziak. 2000tik 2004rako aginte aldian profil liberal bat eskaini zuen Putinek. Mendebaldeko sistemen estandarretara biltzen da, eta aldarrikatzen du Errusian egonkortasuna eta hazkundea berreskuratzea, mundu mailako prestigioarekin batera. Baina 2004tik aurrera Beslango triskantzak ebaki zion modernizazioaren aldeko hizkera. Kaukaso aldean Beslan herriko eskolan militante txetxeniarrek ikasle, irakasle eta gurasoak bahiturik, Errusiar Armadaren indar bereziek egindako eraso kaotikoan 346 pertsona gertatu ziren hilik. Biharamunetik Putinek diskurtso politikoa arras aldatuko zuen. Hamabost egunen buruan jakinarazi zuen eskualdeetako buruzagiak Moskutik izendatuko zirela, bertako jendeek hautatzeko ordez. Eta Moskuko patriarka ortodoxoarengana jo zuen Putinek, Errusia Elizaren laguntzarekin askatzeko jende basatien hatzaparretatik. Georgiatik (2003) Ukrainara (2004) Sobiet Batasun ohian ugaritu ziren koloretako iraultzak haserre hartuko zituen, zer esanik ez Baltiko itsas bazterreko herrialdeak OTANen eta Europar Batasunan sartzea. Gertakizun hauekin jabetu da Putin Mendebaldeko potentzien etsaigoari egin beharko diola aurre.  Dimitri Medvedeven 2008tik 2012a arteko agintaldiaren ondotik, berriro lehendakaritzan jarrita areago nabarmenduko ditu Vladimir Putinek aurreko bi agintaldietako ezaugarriak: kontserbazionismo dekadentean erori eta sustrai kristauetatik urrundu dela uste duen Mendebaldearen kontra ekin dio; "bide errusiarra" aldarrikatu du Mendebaldearen etsaigoari kosta ahala kosta aurre egiteko; Eurasia deitu proiektua bizkortzen ahaleginduko da.  Eurasia, "lehorreko inperioa"     Vladimir Putinen erreferentzia ideologikoetan hiru nabarmendu ditu Eltchaninoffek. 2005etik hona sarritan aipatu du Ivan Ilyne (1883-1954) filosofo errusiar atzerriratua, antikomunista eta antidemokrata, Franco eta Salazarren mireslea. Kontserbazionismoa oinarritzeko formulak hartzen ditu Nicolas Berdiaev (1874-1948) eta Constantin Leontieven (1831-1891) idatzietatik. Eta teoria eurasiarra sustengatzen du Lev Goumilev (1912-1992), ideologo  sobietarraren gainean. Errusia Handiaren historian konpondu beharreko gai nagusi bat beti izan delarik –Eltchaninoffen ahotik ari gara– nola uztartu herrialdearen batasuna bere baitan dituen nazio eta kultura hain ezberdinen arteko elkarbizitzarekin, maila praktikoan Putinek burdinazko ukabila erabili du, Txetxenian hasita. Bortizkeriarik odoltsuenaz baketu zuen Txetxenia, han agintzen ipiniz gaur jaun eta jabe dirauen Kadirov. Txetxenian hasita Kaukaso osoan gero, bukatu ziren autonomia eta gainerako ameskeria lokalak, horren ordez ezarriz aginte bertikal deitu zaiona. Maila teorikoan, ordea, tartekatzen ditu batean Errusiaren izate kristau ortodoxoa eta hurrengoan  nazioaren etnia anitzeko eta kredo ezberdineko izaeraren apologia, harro aldarrikatuz Errusiak 15 milioi musulman dauzkala bere eremuan. Eurasismoa deitu denaren teorikoak ahalegintzen dira erakusten Europa eta Asia artean hirugarren kontinente bat dagoela, Eurasia, koherentzia bat omen daukana klima, landaredi, hizkuntza eta paisai aldetik, horietan elkarrekin bizi baitira eslaviar ortodoxoak, turkofono musulmanak eta baita budistak ere. 2013ko hitzaldi batean Putinek esan zuen Errusiak biltzen duela lehorreko inperioa, gai den aurre egiteko itsasoko inperioa dena Euroatlantidari. Errusiaren alderantziz, Europar Batasunak porrot egin du: ez da gai ez bere herritar guztien ongizatea bermatzeko, ez nazioartean bere burua indarrez azaltzeko. Europa zabalik egonik klase guztietako etorkinei, ez du asmatu islamismoaren pozoiari aurre egiten. Herritarrei dagokienez, europarrak bururik gabeko kontsumista bilakatu dira, azalekoak, abertzaletasun eta ideia handi guztiekiko zentzu oro galdu dute. Erlatibismo horren kontra, kulturazko gainbeheraren, politikoki politaren, amnesiaren, masokismo demokratikoaren eta minoriekiko ahuleziaren aurrean, Putinek sustatzen du hezkuntza morala oinarritua kristautasunaren balioetan, kultura klasiko eta liburutarrean, abertzaletasunean, militarismoan eta hierarkiarekiko errespetuan. Konplexutasun loraberrituaren teorikoa den Constantin Leontievi jarraiki, Putinek uste du Europa gain behera datorren bezala Errusia bere historiaren gorako fasean dagoela. 2011ko protesta handien ondoren hartu duelarik berriro agintea, Putinek bi ardatzetan oinarritu du herritarrak bereganatzeko diskurtsoa: ama Errusiaren handitasuna eta etsai erasokorrez inguratuta gotorturik bizitzearen kontzientzia. Krimea bereganatzeko hitzaldian esan zuenez, 2014ko martxoan, XVIII. mendetik ari dira Mendebaldeko potentziak Errusia hesitu nahian. "Baina denak du bere muga. Eta Ukrainari dagokionez, mendebaldarrek marra horia pasa egin dute. Baldar, axolagabe eta modu ez profesionalean jokatu dute". "Errusiarren gehiengo izugarriak –amaitu du Eltchaninoffek– Putinen hitz anti-mendebaldetar eta espantsionistak ontzat ematen ditu antza. Baina egoera ez egonkorretan iritzi publikoa aldakorra izan ohi da. (...)  Ikusi beharko da Putinen hitzek noiz arte liluratuko dituzten errusiarrak. 2015 gogor bat nozituko dute petrolioaren merkatzeak eta, neurri txikiagoan, Mendebaldeko zigor ekonomikoek ekarritako krisiagatik".
news
argia-72207820cdf4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/pertsona-helburu.html
Pertsona helburu
I�aki Odriozola Sustaeta
2015-03-22 00:00:00
Pertsona helburu Gogoratzen dut, orain urte batzuk, eskuineko abertzaletasunaren guru batek, garaiko ezker abertzaleari egozten ziola kanpoko ideologiak –sozialismoa– Euskal Herrira ekartzea, berak babesten zuena bertako, eta berezko gauza balitz bezala.     Izan ere, daukagunaren aldekoek uste arazten digute eurena ez dela ideologia, errealitatea baizik. Indarrean dagoena "horrela delako" da, hausnartu gabea, aldaezina. Eta kito. Zerbait aldatu nahi baduzu, ordea, ideologia inposatzen ari zara. Gizarte klasikoaren hastapenetan dago, jada, liberalismoaren babesleek erabiltzen duten ustezko gizabanakoaren goraipamena. Azkenaldian entzuten ari garen bezala bertakoen ahotik, "pertsona helburu". Gezur galanta. Kapitalismoaren jendartean gizabanakoa ez da inoiz helburua izan, baliabidea baizik; eliteek, botere ekonomikoa duten gutxi batzuek, kapitala pilatzen jarraitzeko erabiltzen duten tresna. Merkantzia. Objektu hutsa. Horregatik, norbaitek pertsona helburu duela esaten badit (ikasle ohia izanda ere) muturra okertzen zait, zerbait ezkutatzen ari dela uste baitut. Izatez, sistemara era erosoan egokituta dauden pertsonak formatzea eta garatzea duela helburu iruditzen zait, ez besterik. Osasuntsu, enprendedore, baikor, konformista, akritiko eta bere buruaren jabe dela uste duen pertsona da inperialismoak behar duen gizabanakoa. Berekoia, lehiakorra, nahimena ahalmen bilaka daitekeela uste duen "errendimenduaren subjektua", oraingo pentsalariek dioten lez. Neoliberalismoaren pentsalariek sinestarazi digute hori dela gizabanako aske izateko modu bakarra: bizitza erdia ekoizten, eta beste erdia erosten dabilena. Langile eta kontsumitzailea behar dute. Merkatuaren dimentsio-bakarrean protestatu gabe iraun ahal izatea, pertsonaren helburu. Eta denok, aske izan nahian, nahi dugun guztia lortzearen esklabo bihurtu gara: "Hau askatasun paregabea!", ezin da denbora galdu, dena lortu nahi dugu, eta komenigarria egin zaigu sinestea edozer lor dezakegula, benetan nahi badugu. "Nahi izatea ahal izatea da". Hona hemen berriro modan jarri zaigun adierazpen tamalgarri eta arriskutsua. Denak izan behar du helburua, jarraipena, eta lorpen bat; eta bukaezineko aurrerapenaren espiralean kateaturik gauzkate, etekina atera nahiaren gurpil zoroa ezin etenda. Pertsonak ez gara helburu, eta gainera, helbiderik gabeko izaki gara. Hau komeria! Ametsak, amerikarrak eta beste guztiak, ametsak besterik ez direla noizbait konturatuko gara. Ala ez?
news
argia-d8d3111695a6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/super-glue-gerran-eta-bakean.html
Super Glue gerran eta bakean
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-03-22 00:00:00
Super Glue gerran eta bakean 1942an Harry Coover kimikariak Super Glue lekeda asmatu zuen nahi gabe. II. Mundu Gerran Eastman-Kodak enpresan lanean ari zen, fusilen ikusgailuak egiteko materialen bila. Metilo zianokrilatoarekin egin zuen topo, baina berehala baztertu zuen, substantzia madarikatu hura gauza guztiei itsatsita geratzen baitzen. Material berbera aurkitu zuen handik bederatzi urtera eta, orduan bai, kola gisa erabil zitekeela pentsatu zuen, presiorik eta berotasunik ez baitzuen behar kola egonkor hark. Kodakek 1958an merkaturatu zuen lehenengoz Super Glue izenez, eta arrakasta berehalakoa izan zen. Handik urte batzuetara Super Glue gerrara itzuli zen, Vietnamen zauriak ixteko erabili baitzuten, hariz josi ordez.
news
argia-e684e62bc525
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/desberdintasunen-aroa.html
Desberdintasunen aroa
Mikel Zurbano
2015-03-22 00:00:00
Desberdintasunen aroa Azkenaldian asko zabaldu da desberdintasun ekonomikoen gaineko kezka. Ekonomialari ezagun ugarik –Thomas Piketty delarik horien arteko ikur mediatiko gorena– beren azterketen ildo nagusia arlo horretara bideratu du. Gaur egun, errentaren eta aberastasunaren desberdintasunek duten goranzko joera nabarmena eztabaida ekonomiko eta politikoaren erdigunean dago. Desberdintasunen igoera aparta ematen ari da Europar Batasuneko hegoaldean, batik bat 2008an krisi ekonomikoa lehertu eta bertan errezeta ekonomiko ortodoxoak indarrean ipintzen hasi zirenetik. Erreskateen ordainetan ezarritako austeritate politiken ondorioz herrialdeok aspaldian ezagutu gabeko zentzugabekeria sozialak ezagutzen dituzte egun. Espainiako Estatuaren kasua da aipagarrienetarikoa, izan ere, bertan eman da EBko desberdintasunen igoerarik handiena krisiaren testuinguruan, eta gaur egun 28 estatuen artean bigarrena da errenta desberdintasunen tarteari dagokionean, Letoniaren atzean eta Grezia, Portugal eta Irlandaren aurretik. Desberdintasunak neurtzeko erabiltzen den Gini koefizientea igo da Estatuan 2006ko 0,313 izatetik 2013ko 0,350era, eta garai horretan bertako biztanleriaren %20 aberatsena eta %20 txiroenaren arteko errentaren tartea 6,3 bider handiagoa izateraino heldu da, horretan ere Espainiako Estatua "txapelduna" da EBko herrialdeetan, Eurostaten arabera.   Espainiako Estatuko desberdintasunen irudi kaskarra areagotu egiten da aberastasunaren banaketa aintzat hartuta, alegia ondare ekonomikoa oinarri duen neurria, zeina egokiagoa dena herrialde bateko desberdintasunen argazkia egiteko Pikettyren esanetan. Global Wealth Report 2014 txostenak hauxe dio: Estatuko %1 aberatsena estatuko ondarearen %27aren jabe da, eta %10 aberatsenak ondare guztiaren %55,6 eskuratzen du. Beste muturrean %30 txiroenak aberastasunaren %2,3 soila baino ez dauka. Interesgarria da Espainiako Estatuko klase ertainaren uzkurtzea bistaratzen duen datua: errenta maila ertaina duen biztanleriaren %40 aberastasunaren %20 eskasaren jabe da. Errenta desberdintasunek, Estatukoak baino lausoagoak diren arren, Hego Euskal Herrian ere handitzeko joera hartu dute krisi garaian. EAErako Jaurlaritzak egindako 2014ko Gizarte Beharren Inkestak 2008 eta 2014 aldian bertako %10 aberatsenen batez besteko sarrerak %1,1 igo ziren eta, aldiz, errenta apaleneko biztanleriaren %30aren ekonomia sarrerak %4 jaitsi ziren. Beraz, hegoaldeko hiru lurraldeotan biztanleriaren zati esanguratsu bat beheranzko higidura nozitzen ari da krisiarekin. Gini indizeak ere joera aldaketa erakusten du EAEn, izan ere,  2012 urtean beheko marka izan ondoren (0,253), artean beheranzko joera izan arren, ondoren igotzen hasten da 2014ko 0,271raino. Espainiako Estatuko zenbakitik oso atzean egon arren, arduratzekoa da aspaldiko partez joera aldaketa egotea. Laburbilduz, austeritate politikek ekonomi desberdintasunak indartu egin ditu Europako hegoaldean, modu berezian Espainiako Estatuan eta, leunago bada ere, baita euskal lurraldean ere lehen aldiz. ELGAk (OECDk) onartzen du errenten desberdintasunen igoerak Europan zerikusi zuzena duela "barne debaluazioaren" prozesuarekin, soldaten banaketa are desberdinagoa ekarri baitu horrek. Gainera Estatuaren birbanaketa gero eta atzerakorragoa bihurtzen ari da murrizketa gogorrak direla tarteko. Azken buruan, austeritate politikak kohesio sozialean pitzadura sortzen ari dira europar "eredu soziala" koloka ipintzeraino.
news
argia-6a1e2b7524de
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/digestio-txarrak-buruhaustea-direnean.html
Digestio txarrak buruhaustea direnean
Jabier Agirre
2015-03-22 00:00:00
Digestio txarrak buruhaustea direnean Adituek diotenez, hamar emakumetik zazpik molestiak dituzte digestioa egitean. Gizonezkoengan proportzioa txikiagoa bada ere, asko kexatzen dira digestio astunez: puzte-sentsazioa, gasak eta sabeleko mina ohiko sintomak dira.     Digestioa prozesu konplexua da. Jan ondoren, urdailean hainbat azido eta urin konbinatzen dira, janaria xehatu, hartatik mantenugaiak atera eta gorputzak behar duen energia eskuratzeko. Sarritan, azido horien arteko oreka hautsi egiten da; horrek bihotzerrea edo indigestioa eragiten du. Arrazoi bereziez gain –behazuneko edo pankreako gaitzak baztertzea komeni da, hala nola urdaileko nahiz duodenoko ultzerak, diabetesa etab.– arazoak hainbat jatorri izan ditzake: - Jatordu ugariak, pisuak eta koipe askokoak. Gehiegikeriak noizean behin baino ez badira egiten, urdaileko molestiek ez dute ordu batzuk baino gehiago iraungo, normalean. Baina tripakadak sarri errepikatzen badira, sintomek luze iraungo dute. - Alkohol asko edatea. Azukre gutxiko edariak –ginebra, esaterako– izan edo oso gozoak izan, alkohola beti da narritatzailea urdaileko mukosarako. - Elikagai jakin batekiko intolerantzia. Esnearen laktosa izaten da, normalean. Gasak eta beherakoak agertzen dira kasu horretan. - Tratamendu luzeak egitea antibiotiko, kortikoide edo anti-inflamatorioekin –baita azido azetilsalizilikoarekin ere–, baldin eta ez bada aldi berean urdail-babesle bat hartzen. Alabaina, aholku sinple batzuk jarraitzea nahikoa izango da hobekuntza nabarmena sumatzeko: Zaindu elikadura Lasai murtxikatu, bestela urdailak ahalegin handiagoa egin beharko du elikagaiak deskonposatzeko, urin gehiago jariatuko du eta horrek bihotzerrea areagotuko dizu. Jaten ari zaren bitartean saihestu itzazu giro zaratatsuak –ez litzateke ideia txarra telebista itzaltzea–, baita urdaileko mukosa narrita dezaketen substantziak ere (pikanteak, alkohola…) eta jan ondoren infusio digestiboak hartu kafearen ordez. Jatorduetan onena koipe egokiak aukeratzea da, oliba olioa adibidez, hestea lubrifikatu eta hustuketa errazten dutelako. Eta haragi gorriaren ordez digestio errazeko proteinak, arraina eta haragi zuria esaterako. Postrean papaia bezalako frutak, edo jogurt gaingabetu bat. Hobe da egunean bost jatordu txiki egitea bi handi baino. Gorputzak errekuperatzeko denbora eduki dezan, saihestu koipeak. Ohera joan baino pare bat ordu lehenago afaltzea komeni da. Oheratzear zaudela elikagai solido asko hartzen badituzu, urdailean hartzituko dira, eta molestiak azalduko dira. Sintomak gogor samarrak direnean, esnea eta gazta astunak murriztea edo erabat kentzea komeni da. Esnea aringarri gerta daiteke hasiera batean, baina bi edo hiru ordura gasak eta bihotzerrea eragingo ditu. Eta elikaduraz gain? Estresa kontrolatzea komeni da. Urdaila eta hesteak inerbazio handiko organoak dira, eta asko sufritzen dute estresarekin. Masajeak mesedegariak dira: egin itzazu errotazio-mugimendu suabeak eskuinetik ezkerrera hatzekin sabelaren gainean, eta hobera egingo duzu. Mugi zaitez. Bazkalostean ordu erdiz ibiltita egunero-egunero, kaloriak erre, digestioa erraztu eta hesteetako mugimenduak aktibatuko dituzu. Eta kontuz molestiak arintzeko botikekin, antiazidoek hipertentsioa eragin dezakete eta. Botikak hartu aurretik galdetu beti medikuari.
news
argia-372137d61742
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/eskola-errusiar-onena.html
Eskola errusiar onena
Montserrat Auzmendi del Solar
2015-03-22 00:00:00
Eskola errusiar onena Kontzertu Handien Zikloa, Berlingo Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Dimitri Kitajenko. Bakarlaria: Elisabeth Leonskaja (pianoa). Egitaraua: Prokofiev eta Rakhmaninov-en lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: martxoaren 4a. Benetan miretsi egiten dut musika eskola errusiar klasikoa. Talentu apartak oparitu dizkigute etengabe, bai interpretazioan, bai konposaketan, bai zuzendaritzan. Eta guzti horren "mix" bat disfrutatu dugu Gasteizko Kontzertu Handien Zikloaren hirugarren emanaldian. Ziklo honetako lehenengo saioan Daniil Trifonov pianista gaztea izan genuen, azkenetako izar errusiarren ordezkari, eta aldi honetan Errusiako piano eskolako dama handi bat, Elisabeth Leonskaja, benetako maisua. Hirurogeita bederatzi urterekin lezio ikaragarria eman zuen taula gainean: musikaltasuna, dotorezia eta indarra, topean. Ez zuen Leonskajak aukeratu obra erraz bat. Prokofiev-en 2. Piano eta Orkestrarako Kontzertua lan exijentea da, oso, ez du atsedenik hasieratik bukaeraraino bakarlarientzat. Eta piano joleak maisutasunez gainditu zituen zailtasun guztiak, frogatuz teknika soberan duela aisetasunez jotzeko, baita musikaltasuna ere guztiaren gainetik azpimarratzeko; nahiz eta arazo larriak izan eserlekuarekin –lehenengo mugimendua amaitu arte hala edo nola moldatu zen eta ez zitzaion ezer nabaritu bere jokoan, hori da profesionaltasuna!–. Dimitri Kitajenko zuzendariak, bere aldetik, jakin zuen lan berezi honi irakurketa erromantikoa ematen, Prokofiev-en alde zorrotzak leunduz eta pasarte ameslariak nabarmenduz. Leonskajak, txalo zaparradak bultzatuta, Rakhmaninov-en Preludio delikatu bat eskaini zuen bis gisa, aurrekoa bezala ederra. Saioaren bigarren zatian, lan potolo bat entzun genuen, Rakhmaninov-en 2. Sinfonia hain zuzen ere. San Petersburgon 1908an estreinatutako sinfonia  luze hau errusiar tradizio sinfonikoaren adibide garbia da, zeinean imajinazio melodikoa garrantzitsua baiten eta obraren garapena hotsandikoa eta berebizikoa. Kitajenkok oso bertsio erromantiko eta zentzu onean tradizionala eman zuen, Mariinsky antzokian egongo bagina bezala. Ederra.
news
argia-43f135efb00b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/diseinua-moda-guztien-gainetik.html
Diseinua, moda guztien gainetik
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-03-22 00:00:00
Diseinua, moda guztien gainetik Timeless, Massimo Vignelli. Non: Okendo Kultur Etxea, Donostia. Noiz arte: apirilak 18. Sarrera: doan. Nola diozu duela izena tipoak? "Vignelli", erantzun du diseinu mundua pasioz bizi duen etxeko informazio iturriak. "Massimo Vignelli", bi ese ak eta bi ele ak ondo ahoskatuta. Izen handia baita, baina, zer den gaiaz deus ez jakitea, ez nuen ezagutzen. Iaz faltatu zen mundutik Italian jaio –Eibarren Errepublika aldarrikatu zen urte berean– eta handik urte batzuetara New Yorkek ofizioaren gailurreraino eraman zuen diseinatzailea. Donostia Kulturak eta Husmee estudioak omendu dute Groseko Okendo Kultur Etxean, diziplinaren ezagutza handirik izan gabe ere gozatzeko eta pentsatzeko ematen duen erakusketarekin. Haria Vignelliren jarraitzaileen lanek jartzen dute, mota guztietakoak, trebatzen ari direnen emaitzetatik –tartean Irungo Kunsthal diseinu eskolako ikasle baten afixa; erakusketan ez da egilearen izen-abizenik ageri, barka–, izen handiko diseinatzaileetaraino –Javier Mariscal, 1992ko Joko Olinpikoetako Cobi maskotaren autore intelektuala–. Haiek eramango zaituzte aretoan barrena, han eta hemen kokatutako zenbait material eta lekua bitan banatzen duen panel nagusiko aipuz lagundurik; gehiegikeriarik gabe, modu eraginkorrean prestatuta. "Bere filosofia hori zen", jarraitzen du informatzen familiak, "edozer egiten duzula ere, ulergarria izan dadila". Eta iraunkorra. Ondo eraikitakoa. Semantika, sintaktika eta pragmatika. Asko ari gara ikasten kolpean, segi, segi: esplikatzen digu asko teorizatu zuela diseinuaren zereginaz; eta, inportanteagoa, ondo teorizatu zuela. The Vignelli Canon liburuxkan bilduta daude buru-ariketa horien emaitzetako batzuk –ingelesez dakitenentzat hemen irakurgai –. Aurreiritzi batzuk gainetik kentzeko behintzat balio du hurbiltzeak. Sorkuntzaren esparru honek modarekin eta merkatuaren aldian aldiko kapritxoekin zerikusia duela uste baduzu, adi Vignelliren esaldi honi: "Baztertu egiten dugu zaharkitzapenaren kultura, hondakinen kultura, iraupen gutxi duena gurtzea. Higuintzen dugu aldi baterako irtenbideen eskaria, energia eta kapitala alferrik gastatzea berritasunaren mesedetan". Iraun dezake diseinuak betirako? Erakusketari hilabete geratzen zaio. Ateak itxi baino egun bat lehenago, apirilaren 17an, Beatriz Cifuentes eta Yoshiki Waterhousen hitzaldi batek aseko du diseinuaren massimo az jakin-mina dutenen gosea.
news
argia-342afb4110d0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/rosetta-tharpe-rock-and-rollaren-ama.html
Rosetta Tharpe, rock and rollaren ama
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-03-22 00:00:00
Rosetta Tharpe, rock and rollaren ama Cotton Plant (Arkansas, AEB), 1915eko martxoaren 20a. Rosetta Nubin jaio zen, gerora, lehen senarraren abizena hartuta, Sister Rosetta Tharpe izenez ezaguna egingo zena. Gurasoak kotoi biltzaileak zituen, eta COGIC (Church of God in Christ) Mendekoste elizaren  jarraitzaile sutsuak. Amak elizan abestu eta mandolina jotzen zuen igandeetan, eta alabak amarekin bat egin zuen lau urte besterik ez zituela. Handik bi urtera ama-alabak AEB hegoaldeko elizetan emanaldi-itzulia eskaintzen hasi ziren, gospelaren bidez ebanjelari lanak eginez. Rosetta txikia haur miraria zen kantuan nahiz gitarra jotzen.   1920ko hamarkadan biak Chicagora joan ziren bizitzera. 40. kaleko COGIC elizan gospel kontzertuak eskaintzen jarraitu zuten, sermoien osagarri, eta tarteka biran irteten ziren, elizaren biltzarretan parte hartzeko. Hala, Rosetta eragin berriak xurgatzen hasi zen. Hegoaldean emandako urteetan oinarrizko gospelari blues kutsua eman zion, gitarra elektrifikatu berrian gero eta nabarmenagoa izango zena. Chicagon, aldiz, jazzaren eraginak haren ahotsa hartu zuen. Swingaren eta boogie woogiaren erritmoak ere sartu zituen koktelontzian, eta estilo berritzailea lortu zuen. Rock and roll kontzeptua definitzeke zegoen oraindik, baina Rosetta Tharpek konposatu, jo eta kantatzen zuenak rock and rollaren antz handia zuen. 19 urte zituela ezkondu zen lehenengoz eta lau urte geroago, 1938an, senarra Chicagon utzi eta, ama hartuta, New Yorkera aldatu zen. Urte hartan sartu zen lehen aldiz grabaketa estudio batean, eta emaitzak arrakasta izan zuen publiko orokorrean, baina beltzengan nagusiki, muturreko segregazioa indar betean baitzegoen orduan. Elizaren jarraitzaileen artean, ordea, ez zuen halako harrera onik izan, sortu eta interpretatzen zituen abestiek, oraindik hitz espiritualak izan arren, doinu sekularregiak zituztelako. Gainera, gospela elizatik atera bai, baina ez zuen grabaketa estudioetara eraman soilik. New Yorken Carnegie Hall, Cotton Club eta halako gaueko lokaletan hasi zen bere estilo berezian jotzen. Kontserbadore eta puristenek ez zioten barkatu musika sakratua bekatu-zulo haietara eraman izana. Eremu pribatuan ere espiritualtasuna kontu mundutarragoekin konbinatu zuen Rosetta Tharpek: fedeari tinko eutsi zion bizi guztian, jainkoaren hitza zabaltzeari ez zion sekula uko egin baina, hainbatetan ezkontzeaz gain, maitale ugari izan zituen, emakume nahiz gizonezko. Konbentzioak hausteko inolako arazorik ez zuen Tharpek. Gizarteak hori onartzea beste kontu bat zen. Besteak beste, Chuck Berry, Little Richard, Johnny Cash, Jerry Lee Lewis eta Elvis Presleyk berak aitortu zuten Tharpek haien ibilbidean izandako funtsezko eragina. "Rock and rollaren amabitxia" esan izan diote, baina "errege", "aita", "aitzindari" tituluak jarraitzaileek lortu zituzten, haren biografo Gayle Wald-en hitzetan, Sister Rosetta Tharpe rock and rollaren tronuan esertzeko "beltzegia eta emakumeegia zelako". Roseta Tharpe-n zuzeneko emanaldia ikusgai bideo honetan: https://www.youtube.com/watch?v=l9bX5mzdihs
news
argia-4acbb203fa37
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/bilbao-ria-2000.html
Azken hatsa ematear den ereduaren argi-itzalak
Unai Brea
2015-03-22 00:00:00
Azken hatsa ematear den ereduaren argi-itzalak 1992an sortu zen Bilbao Ría 2000, EAEko eta Espainiako hainbat erakunde publikoren akordioz, Bilboren eraberritzea azkartzeko helburuarekin. Espekulazioan oinarritutako jardunari esker, sozietateak bere helburuetarako finantzazioa lortu izan du diru publiko askorik erabili gabe, baina orain ataka larrian dago, espekulazio horren beraren ondorioek itota. 2013ko udaberrian askok ez zuten sinetsiko lerro hauek idazteko unean Bilbao Ría 2000  bizirik egongo zenik. Baina hala da: Bilbon eta inguruan metamorfosi urbanistikoa gauzatzeko xedez jaiotako enpresa publikoak ez du oraindik bukatutzat eman bere ibilbidea, azken urteetan egoera larrian egon arren. "Herritarrentzat erabilgarria den bitartean aurrera egingo du Bilbao Ría 2000k", zioen Angel Nievak, oraindik enpresako zuzendari nagusia denak, Bilboko udal aldizkariari 2011ko apirilean emandako elkarrizketan. Bi urte geroago, kontua ez zegoen hain garbi: sozietatearen administrazio kontseiluko kideek –bestela esanda, hainbat erakunde publikotako ordezkariek– adostua zuten egoeraren azterketa egin eta emaitzaren arabera Bilbao Ría 2000ren likidazioaz erabaki bat hartzea. 2013ko ekainean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak adierazi zuen sozietatearen itxiera antolatzen hasteko unea zela. Bilbaok esan zuen helburuak bete zirela, baina agortutzat jo zuen eredua, eta gogorarazi zuen enpresak 203 milioi euroko zorra zuela hainbat bankurekin (gaur egun 150 milioi dira). "Zor horren zama bertan gauden erakundeon sorbaldaren gainera etor ez dadin neurriak hartu behar dira", gehitu zuen Bizkaiko agintari gorenak. Itxieraren alde agertu zen Bilbao, baina jarraitzearen aldekoak gailendu ziren, nonbait. Hori bai, ontziaren pisua arinduta: 2013ko abenduan, Bilbao Ría 2000k bere 21 langileetatik zortzi kaleratu zituen, lan erreforma berria baliatuta. Jose Luis Bilbaok, bidenabar, azpimarratu zuen Aldundiak ez zuela erabakian partaidetzarik izan. Ordurako, enpresak hainbat proiektu zituen bertan behera utzita diru faltagatik. Gaur egun, izan ere, lan bi besterik ez ditu esku artean: Garellanoko urbanizazio prozesua, Basurtu auzoan, eta FEVEko trenbidearen lurperatzea, Iralakoan. Ustez, horiek amaitutakoan desegingo da sozietatea. Bankuekiko zorrari dagokionez, ehun milioi euro ordaindu beharko ditu 2015 amaitu baino lehenago, eta beste berrogeita hamar 2017an. Ikus dezagun nola iritsi den Bilbao Ría 2000 egoera honetara. Espekulazioak funtzionatzen zuenekoa Bilbao Ría 2000 sozietate anonimoa da, enpresa pribatua beraz, baina akziodun guztiak erakunde publikoak ditu. Parte-hartzearen erdia Espainiako Estatua ordezkatzen duten erakundeei dagokie (Bilboko Portua, trenbide-azpiegiturak kudeatzen dituen ADIF, FEVE…), eta beste erdia EAEkoei: Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko eta Barakaldoko udalak. Lehen hirurek %15na dute, laugarrenak %5. Sozietatea oso asmo zehatzarekin sortu zen: 80ko hamarkadako krisialdiaren ondorioz hutsik zeuden lurzoruak (industrialak, trenbideak…) berreskuratzea. Bilbao Ría 2000k gidatu du azken hamarkada bietan Bilbon eta Barakaldon hirigintzaren alorrean emandako eraldaketa sakona, zenbait elementu oso enblematiko (Guggenheim, Euskalduna jauregia, BEC) beraren ekimenez gauzatu ez badira ere. Bilbao Ría 2000rena formula berritzailea izan zen: berau osatzen duten parte-hartzaileek, estatuak batez ere, lurzorua ematen diote sozietateari. Kontuan izan behar da 90eko hamarkadaren hasieran Bilbon eta haren inguruan interbentzio premia zuten zoru gehien-gehienak administrazioarenak zirela. Udalek lur horietako batzuk birkalifikatu eta sustatzaile pribatuei saltzen dizkiete, haiek urbanizatu ditzaten; bai oso prezio onean saldu ere, hiriaren erdian kokatutako eremuak baitira. Birkalifikatzearen ondorioz zoruak hartzen duen gainbalioaren %15, legez, udalei dagokie, eta %15 hori da, hain zuzen, Bilbok eta Barakaldok Bilbao Ría 2000ri egiten dioten ekarpena. Modu horretan irabazitako diruarekin –Europatik jasotako laguntzak ahaztu gabe–, enpresak hobekuntzak egin ditu premia zuten beste eremu batzuetan. Bilbao Ría 2000k berak aipatzen duen adibideetako bat Bilbo Zaharra auzoan egindako interbentzioa da, Abandoibarrako birmoldaketari esker lortutako irabaziekin ordaindutakoa. "Entitateak erakutsi du gai dela finantza-kontuetan orekari eusteko aurrekontu publikoak baliatzeko beharrik gabe", irakur daiteke hainbat urtez sozietateak argitaratu zuen aldizkariaren hirugarren zenbakian. 2001ean idatzitako hitzak dira, higiezinen aparraldian. Burbuilak eztanda egin zuenekoa Bilbao Ría 2000k martxan dauzkan lan apurretako bat Garellanoko urbanizazioa da. Enpresaren logotipo ezaguna duen orubetik metro gutxira elkartu gara Basurtuko Auzo Elkarteko presidente Javier Muñozekin, non eta Bilbao Ría 2000k eraikitako Zankoetako Gizarte-etxean. Bilbo guztiko auzo elkarteen federazioko burua ere bada Muñoz. Bilbao Ría 2000ren alderdi positiboez mintzatu zaigu lehenik: batetik, ohiko bideetatik luze joko zuten operazioak azkartzeko tresna baliagarria izan dela; bestetik, birkalifikatzeen bidez lortutako dirua hiriari onura ekarri dioten proiektuetan erabili izan duela, "nahiz eta ez beti". Alde ilunean, espekulazioa jarri du Muñozek. "Bilbao Ría 2000k, lurzoru publikoarekin espekulatuz, etxebizitzaren prezioa igo zedin lagundu du; horrek eztanda egin behar zuen uneren batean". Eztanda 2007an iritsi zen, ondo jakina denez, eta ondorio latzak izan zituen Bilbao Ría 2000rentzat. 2009an, sozietatea krisiaren hozkadak igartzen hasia zen, eta 180 milioiko kreditua eskatu zuen aurrera jarraitu ahal izateko. Administrazio Kontseiluko presidenteak, Iñaki Azkunak –Bilbao Ría 2000ko presidentea Bilboko alkatea izan da beti– honela deskribatu zuen egoera: "Ez gara lur sailik saltzen ari, baina gastatzeko premia dugu. Edo kreditua eskatu, edo jarduna eten". Zorua bai, eroslerik ez Kredituaren berme modura, Bilbao Ría 2000k bere ondasunik baliotsuena jarri zuen: oraindik saldu gabe daukan lurzorua. Ordurako ez zen hain baliotsua, haatik. Haren tasazioa 280 milioi eurokoa zen, Angel Nieva sozietateko zuzendari nagusiak Bilboko Udaleko EH Bilduren galdera bati erantzunez igorritako informazioaren arabera. Eroslerik ez ordea, ez prezio horretan behintzat. "Higiezinen burbuilaren eztandak bete-betean harrapatu du Bilbao Ría 2000", dio Aitziber Ibaibarriagak, talde abertzaleak Bilboko Udalean duen bozeramaileak, "eta kolokan jarri du beraren eredua". Ibaibarriagaren esanetan, egoera horren aurrean jarrera bi daude gaur egun: lehengora bueltatu arte itxarotea, edo duela zortzi urteko parametroak itzuliko ez direla eta Bilbao Ría 2000k honezkero zentzurik ez duela onartzea. Bigarren hori da EH Bilduk defendatzen duena, hain zuzen. "Bilbao Ría 2000ren esku dauden lurzoruak jatorrizko jabeengana itzultzea nahi genuke, izan udalak izan estatua, eta era arruntean gestionatu daitezela, hau da, gardenago, gaur egun ia ez baitago kontrol publikorik". Besteak beste, sozietatearen erabaki organoetan parte hartzeko inongo aukerarik ez izateaz kexu da EH Bildu. "Bilboko Udalak planteatzen duena, berriz –salatu du Ibaibarriagak–, nola edo hala aurrera jarraitzea da, egitura murriztuz, langileak kaleratuz... sozietateak oraindik dituen lurrak saldu arte". El Correo egunkari bizkaitarrak argitaratutako informazio baten arabera, lur horien azalera ia 95.000 metro koadrokoa zen 2012 amaieran; 66.000 Barakaldon eta gainerakoa Bilbon. Ordutik hona orube txiki batzuk baino ez dira saldu, goiko argazkian ageri den Garellanoko inguruan hain zuzen, eta betiere hasierako estimazioena baino prezio txikiagoan. Zailtasunak zailtasun, Bilbao Ría 2000ren formulari eustearen aldekoa da Iñaki Egaña, PSE-EEren bozeramailea Bizkaiko Batzar Nagusietan. "Sozietateak ondo funtzionatu du, elkarlanak garapena eta kontsentsua erraztu eta hiria eraldatu du. Ez dugu ukatzen krisiak eragindako egoera konplexua dela, baina beharrezkoa da akordioak lortuko dituen organo bat, beste forma bat emanda balitz ere".    PPk eta EAJk, berriz, ez diete erantzun Bilbao Ría 2000ren etorkizun hurbilaz egin dizkiegun galderei. Ezta sozietateak berak ere. Zer nolako hiria? Bilbao Ría 2000ri nekez leporatu dakioke eraginkortasun falta. Esan nahi baita prestutasun handia agertu duela mahai gainean jarritako proiektuak gauzatzen. Egin nahi izan dutena ondo egin dute. Baina hori al zen inguruak behar zuena? Askok uste dute Bilbao Ría 2000ren ekimenez garatutako hiri eredua ez dela egokiena. Azken urteetan ikuspuntu kritiko samarra agertu dutenetako bat Elias Mas arkitektoa da, nor eta 1991tik 2005era Bilboko Udaleko Arkitektura Kabineteko zuzendaria izan zena. Haren ustez, Bilbao Ría 2000ren jardunean ez da sumatzen lurraldearen pertzepzio globalik, ez haren okupazioarekiko irizpide argirik. Aitzitik, sozietateak eskura izan dituen aukeren arabera jokatu duela uste du Masek. Arazoa da "aukerazko espazio" horiek –halaxe izendatuta ageri ziren Bilbo Metropolitanoko Lurralde Plan Partzialean– , euren kokapen eta tamainagatik, berebiziko garrantzia zutela eskualde osoaren antolamenduan. Azken finean, Elias Masek pentsatzen du Bilbao Ría 2000k lurralde plangintza baldintzatu duela. Kontuan hartzekoa da aipatutako Plan Partziala indarrean sartu zenerako, 2006an, lan asko amaituta edo abian zituela Bilbao Ría 2000k. Masen iritzi horrekin bat datoz, oro har, Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarra, Bilbao y su doble (Bilbao eta beraren doblea) liburuaren egileak. Baina harago doaz: Bilbon emandako eraldaketa espazio publikoaren pribatizaziotzat jotzen dute. "Herritarrek ez dute parte hartzen Bilbao Ría 2000ren erabakietan", esan zuen Larreak Argiari emandako elkarrizketan (2.331. zbkia.), "eta bestalde, Abandoibarra bezain espazio garrantzitsuan aisialdirako eta kontsumorako lekuak egongo direla erabakitzean, espazio hori pribatizatu egiten da nolabait, bestelako erabilera batzuk galarazten direlako". Larrearen iritziz, hirigintza da gatazka soziala desaktibatzeko agintariek daukaten moduetako bat. Eraginkorrenetakoa, izan ere.
news
argia-4cb383dd7b7f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/oier-zuniga.html
"UPNk bultzatu duen ikuspegia da hobbyrako sorkuntza"
Reyes Ilintxeta
2015-03-22 00:00:00
"UPNk bultzatu duen ikuspegia da hobbyrako sorkuntza" Boteretsuek badakite imajinatzeko gaitasuna duen pertsonak arazoei aurre egiteko eta errealitatea interpretatzeko baliabide propioak dituela, eta hori ez zaie interesatzen, noski. Nola hasi zen zure harremana antzerkiarekin? Txikitatik datorkit. Beti kontatzen dut nola amak hiru anaiok antzerki obra bat edo pailazoak ikustera eramaten gintuenean, ni berehala algaraka hasten nintzen pozik. Haur eskolako urteak Izartegin eman nituen eta handik ditudan oroitzapen bakanetako bat da egunero mozorroen txokora eta eskuekin horman margotzera joateko irrikaz egoten nintzela. Geroago, San Fermin ikastolan, 6 bat urterekin neuk eskatu nion amari gorputz adierazpena eta antzerki tailerrera eramateko. Margogintza, musika eta antzerkia, bereziki, oso gustuko izan ditut beti. Zergatik lehenbizi Arte Ederrak eta gero Nafarroako Antzerki Eskola? Oso garbi neukan antzezlea izan nahi nuela, baina Arte Ederren fakultatea ikusi eta gustatu zitzaidan. Nire lagun batzuek joan behar zuten eta ni ere animatu nintzen. Hura bukatutakoan Antzerki Eskolara etorri nintzen. Oso pozik nago. Ez dut neure burua ikusten artista plastiko handi baten gisan lanean, baina han ikasi nuen guztia oso baliogarria egin zait aktore lanerako. Musika ere asko interesatzen zait. Saxofoia eta txistua jotzen ditut. Urte askotan txaranga eta fanfarreetan jo izan dut eta antzerkiko muntaia batzuetan ere erabili izan dut. Musika ikastea eta musikarekiko sentsibilitate hori lantzea oso garrantzitsua da. Edozein herritarrek jaso beharko luke oinarrizko formakuntza, batez ere musikaz gozatzen ikasteko. Zeinen ederra litzatekeen kultur hezkuntza eta sormena baloratzen dituen jendartea lortzea!   Antzerki ikasketak motz gelditzen dira gaur egun? Antzerki eskola bakoitzak badu bere estiloa, bere bidea, eta nik uste dut, oro har, antzerki ikasketa guztiek oraindik lehenagoko eskemetan segitzen dutela. Beste diziplinetan dauden ikastaroak, graduondoko ikasketak, laborategiak… antzerkigintzan falta dira. Uste dut artearen munduan zutabe zurrunetatik gero eta gehiago ari garela aldentzen. Malgutasun horren adibideak ditugu arte fakultateetan egiten diren diziplina arteko mintegiak. Horiek, azken finean, gure bizimoduaren isla dira. Artea gero eta likidoagoa da, bere zutabeak gero eta likidoagoak dira, egiten diren fusioek, performanceek eta nahasketek erakusten duten bezala. Adibide on bat da Dantzaz konpainiak Donostia 2016ko programazioaren barruan antolatu dituen mintegiak: dantza da bizkarrezurra baina hainbat alorreko pertsonekin elkarlanean: futbolariak, sukaldariak eta abar. Sorkuntza eta zehatzago antzerkia bada kosmosa ulertzeko bide bat. Egoera imajinarioen bidez egoera ezberdinak bizitzeko aukera eta mundua ulertzeko baliabideak ematen dizkit niri eta Arte Ederrak ikasi izanak izugarri laguntzen dit. Beste sormen iturrietatik edateak errekurtso gehiago ematen dizu beti. Prisma irekitzen dizu gauzak pentsatzeko moduan. Laborategiak diozu Ander Lipusek eta Artedramak egiten dutenaren ildotik? Artedramak antolatzen dituen ikastaroak antzerkigintzara soilik daude bideratuta. Oso beharrezkoak ikusten ditut halakoak ere, oinarrizko formakuntza ikasi eta entrenatu behar delako, baina gero norberak hartzen duen bidea oso garrantzitsua da eta polita litzateke baliabide horiek guztiak modu kolektiboan landu ahal izatea. Madrilen Arte Ederren zirkuluan jarri dute martxan bi urteko masterra artista integralentzako. Hor diziplina guztietako profesionalak daude eta ikasleek denetik probatzen dute. Gustura eginen zenuke? Bai, baina 12.000 euro balio du. Nola dago antzerki ikasketen homologazioaren gaia? Antzerkigintzan askotan gertatzen da eskola pribatuak eta akademiak daudela, homolagaziorik gabe, bakoitza bere bidearekin. Gaur egun gehienak eskola pribatuak dira. Sare publikoan, Espainiako Estatuan, Madrilgo RESAD, Bartzelonako Institut de Teatre eta beste zortzi bat eskola gehiago daude, besterik ez. Heldu den urtean zabalduko da Euskadiko Arte Eszenikoen zentroa Bilbon. Nafarroako Antzerki Eskola askotan saiatu da bere ikasketen homologazioa eskuratzen baina ez du lortu. Nafarroako Gobernuaren aldaketa batekin etorriko litzateke aldaketa hori, inoiz etortzekotan. Eta euskarazko antzerkigintza nola dago? Hizkuntza minorizatua gara bortxaz, eta horrek eramaten gaitu sorkuntzan, oro har, erresistentzia puntu batetik abiaraztera. Euskarazko antzerkia gero eta gehiago egiten da, azken urte hauetan, ez behar hainbeste ziurrenik, baina askotan produktua ez da ona. Ongi dago saiatzea eta garrantzitsua da mugimendua egotea eta aritzea gelditu gabe, baina uste dut sortzaileok gehiago exijitu beharko geniokeela geure buruari. Ematen du euskaraz egite hutsagatik jada ongi dagoela eta badira beste kontu asko: zer nolako sorkuntza egiten dugun, zer maila duen, norentzat egiten dugun, zer helbururekin… Ikusten dira erdipurdiko lan batzuk euskal komunitatean izugarrizko oihartzuna dutenak. Eta hori lortu beharko lukete kalitatearengatik, ez euskaraz egoteagatik. Gauza bera gertatzen da liburuekin. Ongi iruditzen zait mundu guztiak aukerak izatea bere lanak argitaratzeko, baina non dago muga? Guztiak maila berean daude? Nik hor zalantza asko ditut. Jakin beharko genuke bereizten. Halako nahasketa gertatzen da Nafarroan antzerki amateur eta profesionalarekin. Badira muntaia amateur batzuk oso onak direnak, baina amateurrak, eta kultur-etxe askotan horiek programatzen dituzte profesionalak beharrean. Antzerki amateurrak sortzen du antzerkiarekiko interesa eta mugimendua, eta meritu hori du, baina tokia denontzat egon beharko luke. Norena da errua? Errua programatzaileena da eta kulturaz egiten den kudeaketarena. Hori orokorra da. UPNk bultzatu duen ikuspegia da hobbyrako sorkuntza. Horren adibide ditugu musika eskola guztiak. Oso polita da gure seme-alabak medikuntza ikasi eta gainera abesten badu edo biolina jotzen badu, baina arazoa dator seme-alabak biolin-jotzailea izan nahi duenean. José Ignacio Wert Espainiako Kultur ministroak esan du Arte Hezkuntzak eta aukerako ikasgaiek distraitu egiten dituztela ikasleak. Flipantea da hori. Juxtu kontrakoa da. Sorkuntzak baliabideak ematen dizkizu azaletik harago dauden geruza guztiak irakurtzeko. Oso topikoa da, baina egia borobila: arteak kontzientziak pizten ditu eta mundua ikusteko beste prismatiko batzuk ematen dizkizu. Boterean daudenei, noski, ez zaie hori interesatzen. Imajinatzeko gaitasuna duen pertsonak arazoei aurre egiteko baliabideak ditu. Arte Ederretako irakasle batek kontatu zigun nola behin Apolo XIII espazio-ontzian arazo bat sortu zen eta Houstonera deitu zutenean soluzio bila, handik esan zieten buruari eragiteko eta inguruan zituzten gauzekin moldatzeko. Eta horrela sortzen da sorkuntza lana. Arriskatze eta sortze-saiatze horretan dago koxka. Hau izan al da zure kasua? Kontzientzia horrek eraman al zaitu Segi mugimenduko partaide izatera ala gazte garaiko kontua izan da? Denetik pixka bat, baina ez da txorakeria izan eta ez naiz ezertaz damutzen. Konplikatua da. Iruñean jaio nintzen familia abertzale batean. Aita euskaldun berria zen eta txikitatik jaso nituen herri honekiko maitasuna eta kezka. Honek kontzientzia piztu zidan eta ingurura begiratzea aski da hemen arazo politiko bat dagoela ikusteko. Ez diet buelta asko ematen teoria politikoei. Halako mugimenduetan inplikatzera eraman nauena injustizia izan da beti. Horregatik beti ibili naiz, eta egun ere banabil, herri mugimenduetan oso sartuta. Naizenaren isla da hori guztia. Hala ere, lehentasun emozionala beti sorkuntzan eta artean izan dut. 2009an, atxilotu eta urtebete kartzelan eman zenuen Soto del Realen eta Herrera de la Manchan. Zer nolako bizipena izan zen hura? Zerbait ezabatzekotan atxiloaldia, inkomunikatuta egon nintzen tartea, litzateke. Burutik, bihotzetik eta bizitzatik kenduko nuke niri eta jende askori gertatu zaiona. Kartzelan gertatzen dena bada bizitzaren metafora absurdu bat. Botere piramideak oso markatuta daude, bizitza errealean bezala, baina eremu mugatu hartan: diru pixka bat dutenen eta ez dutenen arteko aldeak ikaragarriak dira, gizonen arteko indar eta botere harremanak ematen dira, sexualitateaz edo joera sexualez hitz egitea pentsaezina da… Dena da oso bortitza, oso muturrekoa. Egoera horretan bertan biziraupena bihurtzen da lehentasun. Niri gogorrena egin zitzaidan nire borondatearen aurka hor egon behar izatea. Une lasaiagoak ere baziren. Erretiro espiritual bezala hartzen nuen batzuetan eta sorkuntzarako tarteak bilatzen nituen. Soto del Realen oso baliabide gutxi genuen, debekatua zegoen dena. Pentsa ezazu koloretako orriak ere debekatuta genituela. Beste preso batzuekiko tratuen bidez koloretako arkatz batzuk eskuratu eta lanean hasi nintzen nire margotze adieraren muinera iristeko asmoz. Margotzearen esentziaraino nahi nuen iritsi. Neure hizkuntza plastiko propioaren bila ibili nintzen urte osoa. Eta gauza arinagoak ere egin nituen. Eskutitz guztietan marrazkiak bidaltzen nituen eta jende askok gordeta dauzka. Zer gogoeta egiten duzu zure jarduera politikoaz? Ez dut sentitzen bereziki politikan ibili naizenik, dena politika delako, azken finean. Ez dut esaten mundu guztiak etengabe lubakietan edo lehen lerroan egon behar duenik baina ardura izatea normala da. Eta are gehiago sorkuntza alorrean. Obra bat edo artelan bat egiten dugunean, jendartean gertatzen den zerbait ari gara erakusten edo salatzen. Lau urte epaiketaren zain eta berrogei auziperatuak absolbituta. Nola bizi izan zenuen hori? Emozionalki bortitzena epaiketako urte hori eta beste urte batez itxaron behar izatea izan zen. Horrek hunkitu ninduen gehien. Denbora guztian ari zara pentsatzen kartzelara joan beharko duzun ala ez eta zenbat denborarako. Eta handik ateratakoan jarraitu ahal izanen ote duzun zure proiektuekin. Asko ginen eta uste genuen denak ez ginela libratuko. Azkenean suertea izan genuen. Absolbitu gintuztenean leihoak ireki ziren nire bizitzan. Epaia etorri zen Antzerki Eskolako ikasketen amaierarekin batera. Bai, eta amaierako muntaiaren estreinaldiarekin, Idiotas contemplando la nieve. Niretzat eta taldeko beste kideentzat ere, arrazoi desberdinengatik, berezia izan da lan hau. Eskola bera kinka larrian egon zen, ixtekotan, honen aldeko apustua egin zuenean. Ongi jaio eta bikain jarraitzen du. Orain otsaila eta martxoan itzuli zarete eszenatokira. Bai. Ekainean pozik gelditu ginen eta berriro programatu dugu. Ahoz aho mugitu da eta aretoa bete-betea egon da. Joan den asteburuan, adibidez, 700 pertsona baino gehiago egon ziren gu ikusten. Testua oso sendoa da, zoragarria, Alejandro Ricaño idazle mexikar gaztearena, eta zuzendaritza lan ikaragarria egin du Javier Pérez Eguarasek. Horretaz gain testuak duen gakoa da egungo jendartea, oro har, erretratatzen duela. Askotan gure ametsak gauza materialetan errotzen ditugu, albo batera utzita gure sentipenak, harremanak eta benetako balore garrantzitsuak. Baina halako batean elurra dator eta hari begira sentitzen dugu berriz hutsetik has gaitezkeela. Obra honek bukaeran itxaropenerako ate bat zabalik uzten du eta niretzat pertsonalki hala izan da.   Zer aukera dituzue muntaia honekin? Gure asmoa da Iruñetik kanpo mugitzea eta horretan dabil eskola produktore eta banatzaile gisa, baina arazo handiak daude. BEZa esate baterako. %21eko BEZak nabarmen garestitu du antzerkia. Oso diru gutxi mugitzen da programatzeko eta ordaintzeko. Sektorea ahul dago. Nafarroan oso eskasa da dagoena. Edo telebistako  aktore ezagunak ekarri edo talde amateurrak kontratatzen dira. Besteentzako ez dago deus. Egia da EAEn ohitura handiagoa dagoela antzerkia programatzeko eta jendeak ere ohitura handiagoa duela antzerkira joateko. Niri interesatzen zaidana da obra egitea eta jendeak ordu eta erdiko magia kapsula hori hartzeko aukera izatea. Bizi daiteke antzerkitik? Batzuk bai. Zailtasun handienak gazteok ditugu. Gaur egun, ni antzerkia egitetik soilik ezin naiz bizi. Diseinu lanak eta marrazkiak egiten ditut, beste batzuek klaseak ematen dituzte… Zaila da bizirautea, baina ez nau kezkatzen. Apustu hori aspaldidanik egina dut eta gainera gaur egun langile asko gara modu prekarioan bizi garenok.
news
argia-acbf4f1da936
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/inurriak-bezala-devaltsebon.html
Inurriak bezala Devaltsebon
Andoni Lubaki
2015-03-22 00:00:00
Inurriak bezala Devaltsebon Errauts usaina dago. Egur kearena ere bai. Devaltsebora sartzea San Joan su baten ondoren itzalitako errautsen gainean ibiltzea bezala da, baina festa girorik gabe. Jende ilarak arropa, janaria eta edateko uraren eskean. Donbasseko gobernuak irekitako bulego baten aurrean Ekhaterinak dena galdu duela esan dit. Bera ere jantzi eta ahora eramateko zer edo zeren bila dabil. Agintari militarrek lokatzetara itsatsi dituzten kanpin denda moduko batean bizi da bere 5 senideekin. "Senarra bonbardaketa batean hil zen eta orain alaba zaharrena eta bere familiarekin nago. Umeentzako arropa bila nabil, hoztu ez daitezen. Hotzak berriro itzuliko baitira" dio amandre zurbil honek. Su-etena sinatu ondoren errusiar-zale eta Ukrainiako soldaduek borroka areagotu zuten Devaltsebon. Hiri estrategikoa baita bere lantegi eta tren geltoki handiarengatik. Eremua kontrolatzen duenak herri bat baino gehiago irabaziko duela bazekiten eta bi aldeek hiriko zenbait toki bonbardatu zituzten. Urteetan eraikitako etxeak deuseztatu ziren. "Ukrainarrak ez dabiltza hemendik urruti, beraiek itzultzeko beldur gara. Jende askok ez du aurpegia erakutsi nahi itzulera horren beldurrez. Auskalo zer egingo luketen hori horrela gertatuko balitz" dio Tatianak. 33 urte ditu eta 2 seme-alaba dauzka. Senarra frontean omen du, "Kosakoekin ari da borrokan, baina bera ez da kosakoa. Devaltseboko gatazka hasi zenean kanpoan zegoen eta sartzerik ez zuen izan. Horregatik egon zen kosakoekin, gu berreskuratu nahi gintuen, bere familia" dio irribarrez. Estatistika zehatzik ez dago. Agintariek ez dute biztanleen zenbatek ihes egin zuten jakiterik izan. Ez dakite zehatz zenbat hil diren, ezta zenbatek behar duten zer ere. "Hiria eskuratu berri dugu eta ukrainarrek mina asko jarri dituzte inguruan. Jende xumearen etxeetan gehienak. Bueltatzen direnak beldur dira. Atzo agure bat hil zen Devaltsebo inguruan dagoen herrixka batean. Komuna deitzen diogu herri horri, bertan produzitutako guztia era komunalean banatzen baitzen. Orain kosakoak daude bertan. Etxeak banan-banan arakatzen dituzte minen bila" dio Ilyanak, 68 urteko emakumeak. Bera Komuna deituriko herri inguruan dagoen auzune batekoa da eta beldurragatik ez omen da itzuli. "Etxea erreta dago. Grad misil batek eztanda egin zuen teilatuan eta hiri erdian dagoen zulo batean babestu nintzen. Bertara joateko ere gorriak ikusi nituen. Bi bandoetako soldaduak zeuden eta ikaratuta geunden ea gu tirokatuko gintuzten. Inguruko bizilagunekin egin nuen ihes. Izugarria izan zen" gehitu du Ilyanak. Komuna deituriko herria, Devaltsebotik 5 kilometrora dago. Ez da inor bizi. Ez behintzat lurra landu eta animaliak zaintzen zituen inor. Frontea da herria. Etxe gehienek ez dute teilaturik, gutxi dira erreta ez daudenak. Kosakoak daude fronte honetan, Devaltsebo eta inguruko eremua ondo zaindu bailiteke hemendik. John kosakoa da, baina kapela afganiar bat du buruan. "Lagun afganiar komunista batek eman zidan Amerikako Estatu Batuetako kartzelan nengoela. Bost urte igaro nituen bertan bizi eta lan egiteko paperik gabe harrapatu baininduten. Bueltan ez nekien nora joan. Nire familia handik hona mugitu zen beti eta ni kartzelan nengoela gurasoak eta bi anaia hil ziren. Horren berri ziegatik irtetean izan nuen. Ez zidaten bisitarik ez komunikaziorik izaten utzi. Kexatu nintzen baina amerikarrekin alferrik da" dio Johnek ukrainar armadari harrapatutako tanke batean deskantsu hartzen duen bitartean. Frontera eraman nau. Ukrainarrak omen zeuden bertan eta alde egitean atzean utzi zituzten hainbat tanke, arma eta bonba. Lur azpiko gotorleku bat erakutsi dit. Devaltsebo 5 stars jartzen du sarrerako zuloan. Barruan halere ez dago batere luxurik. Lokatza eta zikinkeriak pilatzen ari dira. "Ez dugu zulo hau erabiltzen. Ez dakit zertarako egin zuten horrelakorik hemen. Gerra hau artilleria gerra bat izaten ari da. Frankotiratzaileak gutxi eta aurrez aurre ez diogu batak besteari eraso egin aspaldian" dio Johnek. Patxadaz ukrainarrei ostutako armak erakusten jarraitzen du. Birrindutako lubakiak eta lehertu ez diren Grad misilak. Zulo horietako batetik neskatila bat irteten ikusi dut. "Jendea gosez dago eta lubakietan jan bila ari dira. Herritarrei ez zaie behar adina laguntza iristen. Guk, gure eguneko otordu bat kendu dugu inguruko behartsuei emateko. Ez da nahikoa eta laguntza eske gabiltza. Donetsk-etik ekartzen dute zerbait baina ezer gutxi" esan dit Johnek. Telefonoa eman dit eta kosakoek ohi duten bezala bere etxera gonbidatu nau: "Zuk dei nazazu, eta nik etxerik edo dudanean etorri zaitez niregana" dio Johnek. Elkarri agur egin diogu. Devaltsebora itzuli eta argi-generadore zarata dago. Sakelako telefonoak kargatzen ari da jendea kalean. "Bihar agian telefono zerbitzua berriro martxan egongo dela esan dute. Jendeak bere senitartekoei deitu nahi die. Ez dute beraien berririk izan aspaldian" esan du Costak. 34 urteko gazte honek inguruko lantegi batean lan egiten zuen. "Ukrainarrak sartu bezain pronto lantegiak okupatu zituzten. Gerrarako beharrezko zena mantendu eta esklaboak bagina bezala lanean jarri gintuzten. Gau eta egun ia deskantsurik gabe. Beste lantegiak erre egin zituzten. Bazekiten ondo zantar horiek zer min egingo zioten hiriari jendea lanik gabe uzten bazuten. Orain ez dago ezertan lan egiterik. Laguntza soilaz bizi gara" esan dit haserre. Ukrainarrak bueltatuko ote diren beldurrez dago jende asko. Ez dute galderarik erantzun nahi ezta argazkietan agertzerik ere. Piotr, Donbasseko gobernuak bidali duen teknikari bat da. Ez du bere aurpegia erakutsi nahi "familiaren zati handi bat Ukrainan baitago oraindik", esan dit. Gaur egungo egoeraz galdetuta zera erantzun dit: "Jendea desanimatua dago. Hiri honetan jendeak lan asko egiten zuen eta apenas zegoen langabeziarik. Orain dena galdu eta ez dute etorkizunerako ezer hoberik ikusten. Guk, berreraikuntza planak hasi ditugu boluntarioekin. Ospitalea konpondu eta etxeak minez garbitzen ditugu, pixkanaka jendea bere ortuetara eta sukaldera itzuli dadin. Suntsipena handia da baina inurritxoak bezala gabiltza pixkana".
news
argia-db2fdeb52652
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2454/herri-mugimenduak-kultur-enpresaren-kudeatzaile.html
Herri mugimenduak kultur enpresaren kudeatzaile
Itsaso Zubiria Etxeberria
2015-03-22 00:00:00
Herri mugimenduak kultur enpresaren kudeatzaile Sanagustin kulturgunea Kooperatibako asanbladara doa Xabier Aranbarri, "enpresako" gerente izendatuta baitago. Hitz egingo dute urteko plangintzaz, bideragarritasun ekonomikoaz, sektorearen indargune eta gabeziez… baina kulturaren ikuspegitik. Xabier eta bere kideena ez baita kooperatiba arrunta, Azpeitiko kultur eragileek eta norbanakoek herrian euskal kultura sustatzeko helburuarekin sortutako kooperatiba baizik. Eta Sanagustin kulturgunea dute biltoki. Normalean horrelako gune bat bideratzeko Udalari eskatuko litzaiokeenari alternatiba planteatuz, herriko kultur eragileek beren gain hartu dute Sanagustinen antolaketa. Koka zaitezen, irakurle: gaur Azpeitian ezagun den Uztarria proiektu komunikatiboa du sorleku aipatzen dudan kultur-mahaiak. Euskal kultura bultzatzeko eta haren transmisioari jarraipena emateko sortua, herriko plazan dagoen Sanagustin gunea bideratzeko aukera iritsi zitzaien. Urte luzez Elizarena izandakoa –eta eraikina bera ere eliza izana– berreskuratu eta berreraiki zuen Udalak XXI. mendeko lehen urteetan, eta beronen kudeaketa noren esku geratu lehiaketara atera zuen. Kultur-mahaiarentzat aukera paregabea, herritarrek eurek kudeatutako toki bat osatzeko. Proiektua prest, lehiaketan parte hartzeko osatu behar izan zuten kooperatiba, figura juridiko bat izatea baitzen oinarrietako bat; eta beraz, aukerarik onena iruditu zitzaien kooperatibaren formula. Lehiaketa irabazita, 2011ko uztailean ekin zioten, Sanagustin Azpeitiko kulturgunea, kooperatiba elkartea izenarekin kulturgunea kudeatzeko lanari. Eta betiko eskemetan enpresak negozio moduan ikusten baditugu ere, honek izaera guztiz soziala eman dio herriko eragileak oinarri. Finantzazioa Egunean zehar taberna bezala funtzionatzen du, eta diru-iturri horrek babesa ematen die. Baina bideragarritasun ekonomikoaren gakoa, azpimarratzen dute, elkarlana da. Alegia, egitaraua ez da talde txiki baten edo kanpotik datorren eragile, administrazio edo enpresaren baten esku egoten; mahaiko eragileek beren beharren eta eskaeren arabera antolatzen dituzte beharrezko ikusten dituzten hitzaldi, kontzertu, eztabaidak… eta horretan datza arrakasta, antolatzen den orok babes soziala izaten baitu. Horrez gain, erakunde publikoen laguntza ekonomikoa jasotzen dute, baina ahalik eta buruaskien izaten ahalegintzen dira, administraziotik datozen diru-iturrien menpekotasunik ez baitute nahi. Soreasu antzokia Orain gutxi bigarren erronka zabaldu zaie: Soreasu antzokia. Azpeitiko erdigunean dagoen antzokiak mugimendu gutxi izan du orain arte, eta duela hilabete batzuk hartu du bere gain kultur-mahaiak. Zine emanaldiak eskaintzeko aproposa, euskal zinemaren eta film alternatiboen aldeko apustua eginez ekin diote lanari, eta egitarau zabala antolatzen ari dira. Dena dela, esku artean daukaten guztia finkatu beharra daukate orain. Erronka asko dituzte aurretik, baina daukatenari oinarri sendoak jarri nahi dizkiote.
news
argia-269588075133
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/fronte-popularra.html
Ezkerraren batasunak bidea malkartsu
Josu Chueca
2015-10-04 00:00:00
Ezkerraren batasunak bidea malkartsu 1935ean, preso politikoen amnistiaren eskaerak bultzatuta, ezkerreko koalizio zabal bat sortzeko habeak ezarri ziren Espainian. Fronte Popularrak gorabehera ugari izan zituen eratzeko eta bizirauteko. 80 urte geroago, antzeko mugimendua abian jarri nahian dabiltzanek badute non begiratua, zer egin eta zer ez ikasteko. Sektore herrikoiak koalizio edo fronte batean elkartzea zaila da. Are gaitzagoa klase desberdinetako alderdi eta erakundeak badaude. Eta agintera iritsitakoan, bidea malkartsua izan ohi da, egitura bateratu horren partaideek dituzten helburu desberdinen arteko talkak haustura ekar baitezake. Dialektika berezi horretan, eskumaren presioak eta errepresioak askotan eragiten du herri mailan ohikoa den aniztasun politikoak batasunerantz jotzea. Zortzi hamarkada igaro diren arren, eskuindarren artean oraindik izua sorrarazten duen Fronte Popularra dugu horren adibide.   Nazioarteko ezkerren estrategia Jakina denez, politika ildo horrek Europako bi herrialdetan arrakasta itzela izan zuen XX. mendean. Hala, Frantzia eta Espainia abagune berean zeuden 1936ko udaberrian. Estatu espainiarrean, urte horretako otsailaren 16ko hauteskundeen ondorioz, agintera iritsi ziren Fronte Popularrean elkarturik zihoazen komunistak, sozialistak eta erakunde errepublikarrak (Izquierda Republicana eta Unión Republicana). Frantziakoan berriz, hilabete batzuk geroago, 1936ko ekainean, Matignonera iritsi ziren antzeko erakunde eta indar politikoak, Léon Blum sozialista buru zutela. Hilabete batzuk lehenago oraindik indarrean zegoen 1917az geroztik ezkertiarren artean sortutako komunisten eta sozialisten arteko zatiketa. Baina 1935ean III. Internazionalaren jarraitzaileek sozialistekiko jarrera nabarmen aldatu zuten. "Sozialfaxista" gisa jotzetik kidetzat hartzera igaro ziren, Internazional Komunistak VII. Nazioarteko Biltzarrean hartutako erabakiei esker. Aldi berean, aliantzak egiteko unean alderdi burgesak ere onartu zituzten komunistek. Europan gorantz zihoan faxismoari aurre egiteko modu bakarra zen hura. Komintern delakoak 1935eko udan egin zuen biltzar ezagun hura Moskun, eta bertan aliantza politikoekiko estrategia aldaketa handia onetsi zuen. Georgi Dimitrovek aurkeztutako txostenak alderdi komunistak akuilatu zituen, sozialistekin eta talde burgesekin itunak burutu zitzaten faxismoari aurre egiteko. Iraultza lortzeko helburua albo batean utzi eta ordura arte bidezkotzat jotzen zituzten errebolta-ekimenak atzeratzea proposatu zuen; oraindik indarrean zeuden demokraziak defenditu behar zirela zioen txostengile bulgariarrak. Bide batez, erakunde komunistak egoera demokratiko horietan indartuko lirateke. Buruzagi komunistek uste zuten, Alemanian nazismoaren hazkunde aroan sozialdemokratek eta komunistek beraien artean izandako liskarrek, Hitlerren gorakada eta aginte hartzea lagundu zutela, eta beste modu bateko politikari ekin behar zitzaiola iritzi zioten. Stalinek Sobietar Batasunaren isolamendua saihestu nahi zuen. Nazioartean hitzarmenak erraztu asmoz –Frantziarekin, esate baterako– beste lurraldeetan iraultza ez bultzatzea erabaki zuen. Jakina, horrek ohiko errebindikazioak moteldu zituen eta defentsa nazionala eta tokian tokiko alderdi burgesekin aliantzak egitea onetsi. Hortik aurrera ez zen "klasea klasearen aurka" leloa ardatz zuen politika zuzen eta erradikalik egin behar; alderdi burgesen artean kideak bilatu eta adostasun programatikoak lortu behar ziren, akordio horiek apalak eta oinarrian ahulak izanik ere. Ezkerrean hainbat buru, zenbat aburu Espainian, 1934ko urriko matxinadaren porrotak zanpaketa handia ekarri zuen alderdi eta langileen artera. Baina errepresio horrek erraztu egin zuen desberdinen arteko elkar ulertzea. Urte horretako urria baino lehenagotik Langile Batasuna eratuta zegoen, Asturiasko UHP (Anaia Langileen Batasuna) elkargoa ere hor zegoen –CNT erakunde anarkista izan zen bertako kide  esanguratsuena–, eta testuinguru horretan, kartzeletako presoek dei egin zuten amnistia lortzeko mugimendu bateratua sor zedin. Horiek guztiak urrats garrantzitsuak izan ziren Fronte Popularra eratzeko. Garai haietan gisa bereko hiru esperientzia nabarmendu ziren:  Frantziakoa eta Espainiakoa 1936an eta Txilekoa 1938an. Hiruetan hauteskundeen bidez iritsi ziren ezkertiarrak boterera. Frantzian, PCF alderdi komunista indartsuak bat egin zuen SFIO sozialistarekin, eta geroago, 1935eko uztailaren 14an, Parti Radicale elkartu zitzaien "Rassemblement Populaire" izena hartuta. Espainiako Estatuan hauteskundeen bezperan lortu zuten batasuna hainbat alderdik, eta "Frente Popular" deitu zioten koalizioari. Hain izan zen arrakastatsua izena, geroztik antzeko elkargo guztiei halaxe deitu zitzaiela. Ezker-muturreko alderdiek eta sindikatuek ere bat egin zuten koalizioarekin. Katalunian, esaterako, "Front d'Esquerres" deiturikoak aniztasun politiko oso zabala zuen, herrialde hartako alderdi ezkertiarren eremua askoz aberatsagoa zelako. Alderdi nagusia zen Esquerra Republicanarekin batera laketu ziren Moskuko diziplinatik aparte ari ziren talde komunista erradikalak –POUM delakoa kasu– edota ortodoxiari emana zegoen PCC alderdia.   Euskal Herrian, berriz, estatu mailan ari ziren indar ezkertiarrez gain, ANV-EAEk zekarren nolabaiteko ezberdintasuna. Galizian ere, Rodriguez Castelaok gidaturiko Partido Galleguista zen berezitasun bakarra. Lehenik, alderdi desberdinen artean bat egite azkarrak izan ziren: gazteria komunistak eta sozialistak JSU (Gazteri Sozialista Bateratua) sortu zuten; Joaquin Maurinen Bloc Obrer i Camperol eta Andreu Ninen Izquierda Comunistak lehen aipaturiko POUM alderdia; PCCk, PCPk eta Kataluniako PSOEren adarrak, PSUC ezaguna…  Batasunaren haizea indartsu zebilen ezkertiarren artean. Erakunde errepublikanoei dagokienez, antzeko bilakaera antzeman liteke Izquierda Republicana eta Unión Republicana osatzerako orduan, bata Manuel Azañaren zuzendaritzapean, bestea Diego Martinezek gidatuta. Fronte Popularra osatu zutenean, talde horiek guztiak prest agertu ziren aterki zabal eta komun baten abaroan aritzeko: Errepublika eta demokrazia berreskuratu behar ziren. Azañak eta bere errepublikar jarraitzaileek, II. Errepublikako lehen biurteko politika erreformista berrabiatzea zuten xede. Langile erakundeek eta ezkertiarrek, berriz, ororen gainetik amnistia erdietsi nahi zuten lehenbailehen. 1936ko urtarrilaren 15ean sinatu zuten Fronte Popularraren programa ez zen batere iraultzailea. Eta irabaziz gero, gainera, Gobernua bera errepublikarren eskuetan uzteko konpromisoa hartu zuten sozialistek eta komunistek, parlamentutik beren laguntza bermatuz. Frantzian aldiz, Léon Blum buruzagi sozialista bihurtu zen lehendakari, eta talde errepublikarrek –bereziki erradikalak– bigarren lerroan geratu behar izan ziren. Espainiakoan, Manuel Azaña eta Santiago Casares Quiroga errepublikarrak jardun zuten agintean gerra hasi arte, inolako ministro sozialistarik gabe. Baina 1936ko uztailean altxamendua gertatu eta gutxira, frankistek Toledo hartu eta Madril begien bistan zutela, Francisco Largo Caballero sozialista jarri zuen buru Fronte Popularraren gobernu errepublikarrak.   Kinka larrian, batasuna lagun Espainian 1936an gertaturiko bira ideologikoa ulertzeko, funtsezkoa da jakitea 1933 amaieratik II. Errepublikak desbideratze handia izan zuela. Urte horretan eta hurrengoan, José María Gil Roblesen CEDA koalizio eskuindarrak eta Alejandro Lerrouxen Alderdi Erradikalak parlamentarien gehiengoa eskuratu eta gobernu erreakzionarioak osatu zituzten. Hala, 1931tik aurrera Errepublikak abiarazitako erreforma eta proiektu aurrerakoi esanguratsuenak (nekazal erreforma, langileen aldeko legeak, autonomi estatutuen garapena…) bertan behera utzi zituzten.   Alderdi sozialistak, UGTk eta gazte sozialisten elkarteak 1934ko urrian sustaturiko iraultzak porrot egin ondoren, sekulako errepresioa jasan zuten Gobernuaren partetik. Erreboltak oihartzun handiena izan zuen tokietan, hau da, Asturiasen, Katalunian eta Euskal Herrian, urriko egun horietan izandako hildakoez gain, atxiloketa eta espetxeratze masiboak izan ziren. Estatu osoan atxilotutako 30.000 lagunetik 2.200 Euskal Herrikoak ziren. Urriko mobilizazioak bultzatu zituzten sektore politikoen buruzagi askok ere espetxealdiak edo erbestea jasan zituzten. Katalunian, esaterako, Generalitat osoa kartzelaratu zuten, baita Lluis Companys presidentea bera ere, eta egoera horretan egon ziren 1936ko amnistia iritsi arte. Greba komiteen partaide esanguratsuenak, Francisco Largo Caballero, Santiago Carrillo, Ricardo Zabalza eta Julian Zugazagoitia, Madrilen espetxeratu zituzten. Euskal Herrian ere beste batzuek patu bera izan zuten: Toribio Echebarria, Julián Prieto, Miguel Escobar, Ramón Rubial, Juan Nadal… denak kartzelan. Amnistiaren aldarria, Fronte Popularraren euskarria Espetxealdi luze eta masiboek are ondorio latzagoak ekarri zituzten. Ordura arte indarrean zegoen egitura errepresiboa eraldatu egin zen eta 1936ko Gerran izango zituen ezaugarri krudel berak hartu zituen. Hala, Rafael Aizpun justizia ministro zela, 1936ko uztailaz geroztik indarrean izango ziren indarkeria praxiak aurreratu zituzten. Atxilotze masiboen ondorioz, ohiko espetxeez gain, gotorleku militarrak eta barku kartzelak hasi ziren erabiltzen, 1934ko urriko mobilizazioak oraindik amatatu gabe zeudenean. Bilboko itsasadarrean hainbat barkuren sotoetan ehunka preso pilatu zituzten hainbat hilabetez –Altuna Mendi izan zen horietako bat–. Halaber, Larrinaga, Ondarreta eta Iruñeko kartzelak txiki geratu zirenez, Guadalupe, San Markos eta San Cristobalgo gotorlekuak ere kartzela bihurtu zituzten urrian bertan. Toki ilun horiek, espetxe probintzialen osagarri izatetik Espainiako espetxe egiturako kartzela nagusi izatera igaro ziren egun batetik bestera. San Cristobalgoak 1934ko azarotik aurrera 700 preso baino gehiago izan zituen. 1936ko Gerrarekin etorri zen aro errepresibo tamalgarriaren aurrekari zuzena izan zen hura. Mendi tontorretan kokaturiko espetxe berri horiek ez zeuden inolaz ere atonduta jendea gizalegez eta duintasunez biltzeko. San Cristobalen ziegak lur azpian zeuden, patioko mailara irekitzen ziren leihotxo bakar batekin. Patioak txikiegiak ziren hara eramandako jende andanarentzat. Oheak ere oso eskas, eta askok lurrean egin behar izaten zuten lo. Espetxe politika Erdi Arora itzuli zela zirudien satortegi anker horiekin. Erakunde eta aldizkari ezkertiarrek presoen bizi baldintzak salatu zituzten behin eta berriz. Presoekiko laguntza indartu eta elkartasun sareak sortu zituzten, elikagaiak, tabakoa, arropak eta abar eramateko. Elkartasun lanetan emakumeek izandako parte hartzea eta rola ezinbestekoak izan ziren, askok ongi oroitzen duen moduan. Josefina Guerendiainek bere idazlan autobiografikoan zioenez: "Bilerak egiten genituen eta UGTko langileen artean dirua biltzen genuen. Astean zehar hiru egunetan, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan aukera genuen bisita egiteko 'gorriei'. Guk tabako xehatuaren paketea prestatzen genuen. Beste batzuek ajoarriero eltzeren bat, besteentzat haragi gisatua eta ogia. Ardoa ezin genuen sartu. Presoak ikustera joaten ginenean arropa hartzen genuen nire amak eta lixibatzaile batzuek garbitu zezaten". Presoen bizi baldintzak salatzeaz gain, espetxe berezi horien desagerpena eskatu eta amnistiaren aldarrikapena ere eraman zuten lehen maila politikora. Egundoko azkartasunarekin egiten ari ziren epaiketetan agindutako heriotza zigorrek ere suspertu zituzten presoen aldeko ekimenak. Mobilizazio horiei esker hainbat buruzagi patu hilgarri horretatik libratu zen. Baina preso segitu zuten beste zenbaitek ez zuten zori bera izan. Kartzeletako bizi baldintzek eta gaixotasunek, errepresioak sortutako sufrimendua areagotu baino ez zuten egin, eta herritarren erantzuna ere tamainakoa izan zen. San Cristobalen, esate baterako, 1935eko urrian Luis León preso asturiarra hil zen tuberkulosiak jota, eta horren ondorioz Iruñean langileek egindako lanuzteak 1934ko urrian egindakoaren antza handia hartu zuen. CEDAren eta Alderdi Errepublikar Erradikalaren Biurteko Beltzaren amaiera antzematen hasia zegoen. Gero eta oihartzun handiagoa izaten ari zen amnistiaren aldeko kanpainak bat egin zuen 1936ko hasieran egin ziren hauteskundeetako leloekin. Ez da harritzekoa, beraz, errebindikazio hori izatea Fronte Popularraren oinarri eta helburu nagusia. Ezta lehen eskaintza programatikoa lortua izatea ere. Otsailaren 21ean, ezkertiarrek hauteskundeak irabazi eta bost egunetara, Espainiako kartzelak ireki zituzten, Puerto de Santa Mariatik, Larrinagara, Santoñatik San Cristobalera. II. Errepublikako lehen egunetan bezala, 1936ko amnistiak preso politiko guztiak kaleratu zituen festa giroan.   Ez zekiten bost hilabete eskas geroago, hustutako kartzela horiek berriro presoz lepo beteko zituztenik, zeintzuk eta 1934ko errebolta odolez eta espetxez zanpatu zuten berek. Fronte Popularrak osatutako gobernu errepublikarra ez zen gauza izan zetorren matxinada militarra antzemateko, are gutxiago hari aurre egiteko. Hala, askok 1934an ezagututako gotorleku-kartzela anker horietarako bidea hartu zuen berriz ere.
news
argia-f6da41c278f8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/hiltzea-gaizki-egon-zen.html
Hiltzea gaizki egon zen
Xabier Letona
2015-10-04 00:00:00
Hiltzea gaizki egon zen ETA-k 2011-N jarduera armatua utzi zuenean euskal gizarteko oso sektore zabalek pentsatu zuten bake prozesu bat irekiko zela ondoren. Asko kostako zela, ez zela iraganeko beste aukera batzuetan bezala izango, baina zentzuzko denbora batean etorriko zela. Eta horren ondorioz,  Estatuak errepresioari ere jaregingo ziola neurri batean. Makroepaiketa eta kartzelaratzeak desaktibatuko zirela, preso gaixo larriak askatuko zituztela, gainerakoak hurbildu, espetxe politika arindu… Baina ez, ezta urrik ere ez. PPk nahiago izan du mendekua eta gatazkaren erabilera politikoarekin jarraitzea. ETAk armak utzi eta EH Bilduk saria jaso zuen 2011ko hauteskundeetan. Aktore asko beldurtu zen emaitzekin, hasi PPtik eta EAJraino. Jadanik zokoratuak eta erdi hondoratuak zirenei saria? PPk argi zuen zer egin, orain arte egin duena: oztopatu eta harri potolo bat utzi euskal gizartearen motxilan, honek gainetik kentzen asmatu ez duena. Eta EAJk? EH Bilduren garaipen hark hegemonia lehia ireki zuen abertzaletasunaren baitan, eta bide horretan EAJk pentsatu zuen arriskutsua izan zitekeela ezker abertzalearen egiazko bake prozesu baten alde egitea. Eta horrek, Ipar Irlandan bezala, abertzaletasunean lidergo aldaketa balekar? PPren jarrera oztopatzailea izanda, euskal gizartea bake prozesuaren alde tinko aktibatzea izan zitekeen PPren harritzarra desaktibatzeko modu bakarra. Baina ez da hori egin eta zamarekin jarraitzen dugu. Hala izan zedin, ezinbestekoa zen –eta da– EH Bildu eta EAJren arteko elkar ulermena, baina bien arteko hegemonia lehiak ez du erraztu jarrera hori. Ezker abertzale soberanistak, nahi hala ez, preso eta iheslarien zama gainean du prozesuaren hasieratik eta horrek tentsioa sortzen dio bere jardunbidean. Zertan zentratu, hegemonia politikoan eta bide soberanistan edo gatazka bideratzen? Edo uztartu behar badira, zein estrategia eta aliaturekin? Gainera, nola lotu horiek eguneroko kudeaketarekin, areago hainbat instituziotan agintean denean? Bake prozesua blokeatuta dago bitartean, potentzialitate gutxirekin. Zertan oinarritu behar den ere ezin adostuz dabiltza aktore nagusiak: PP errepresioan zentratua, PSEk eta EAJk zoru etikoa jarri dute aurrera egiteko baldintza gisa eta ezker abertzaleak ezin du bakarrik tiratu, besteak beste, ezin duelako zoru etiko hori –hiltzea gaizki egon zen– bere horretan onartu. Hiltzea gaizki egon zen, jakina. Eta hiltzea gaizki dago. Atzerako begiradan, nola defenditu liteke aurkakorik? Baina esaldi horrek bere baitan duen konplexutasuna hori baino askoz sakonagoa da eta bake prozesuan baldintza gisa jartzea oztopatzailea. Eta indar harremanen ispilu. Ez Aljerren, ez Lizarra Garazin, ez Elkarrik edo Lokarrik bideratutako bake saioetan, ez Loiolan eta ez Aieten, eta ez bestelako inongo saiotan ez da baldintza gisa jarri izan ezker abertzaleak onartu behar izatea "hiltzea gaizki egon zen" hori. Eta une horietan EAJk eta PSOEk berdintsu pentsatzen zuten ETAren biolentziaren izaeraz eta iraganaz, baina ETAk beste indar bat zuen, bai militarra bai politikoa. Hori zen determinantea. Bake prozesuak egin ziren oraineko eta etorkizuneko zoru etikoetan oinarrituta –ez da gehiago hilko–, ez iraganeko zoru etikoan. Gatazkaren konponbidea ETAren amaiera bada, kito, ez dago askoz gehiago esateko, iragan astean ondo gogorarazi zaigunez.  ETAk ez du jada hiltzen, jarrai beza euskal gizarteak bere bizitzarekin, ahaztu dadila presoekin, makroepaiketekin, atxiloketekin eta Estatuaren biolentziarekin. Baina gatazka honek sustrai politikoak dituela onartzen bada, bistan da egungo irteera eredu hori guztiz ahula dela, zauria gaizki itxiko dela, sufrimentuak jarraituko duela eta ez dela etorkizuneko bizikidetzarako hazi eraginkorrik ereingo. Hiltzea gaizki dago, baina 50 urteko gatazka bakarrik ETAren bortizkeriaren azterketan oinarritu behar bada, hori ez da ez egiazkoa, ez justua eta ez eraginkorra. Estatuaren biolentzia legezkoa eta ez legezkoa ere hor izan dira. Hainbat izaera eta mailako biolentzia politikoak egon dira aurrez aurre hemen eta hori onartzen ez bada nekez eraiki daiteke bake prozesu eraginkorrik. Mingarria ere izan daiteke hortaz hitz egitea, baina ezinbestekoa etorkizuneko zoru etiko egokia eraikitzeko.
news
argia-7621b5f7e3f4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/nola-jaso-hazia.html
Nola jaso hazia
Jakoba Errekondo
2015-10-04 00:00:00
Nola jaso hazia Nola jaso eta iraunarazi behar da hazia? Makina bat aldiz entzundako galdera. Hazia bildu ondorengo lanek lanak ematen dizkigute. Udazkenean sartuta eta sasoi berriaren udaberria begi-bistatik urrun, hazien aroa da. Haziari sasoian, landare berri bat emateko indarrean nola eutsi da kakoa. Naturalena, landareak fruituaren barruan hazia heldutasunera eraman duenean, orduantxe bertan ereitea litzateke. Naturan etengabe gertatzen dena horixe da. Fruitua heldu, usteldu eta hazia lurrari emanez haziari lurra eman.   Gure paisaia natural izatetik urrun dagoenez, hau da, dena kulturala denez, geuk ereiten eta behar dena egiten dugulako, haziaren bide natural hori eten egiten dugu.      Etete horrek gorabeherak sortuko ditu hazian. Hasieran haziari bere horretan kieto eutsi nahiko diogu, mugitu gabe, ernatu gabe. Urte batzuetan eutsi beharra ere, litekeena. Horretarako, haziaren garapena geldituko duten baldintzak baliatu beharko ditugu. Haziak ernatu eta bereari eutsi eta landarea sortzeko, zer behar du? Argia, tenperatura epela eta ura. Bada, gure lana horiek kentzea da. Hezetasuna ahal den neurrian kendu egin behar diogu. Ondo lehortu. Ontzi edo poltsatxo batean sartu eta hezetasunaren beldur bagara, sutauts edo klarion hauts artean jaso. Hauts horrek bereganatuko du ur arrastorik txikiena ere. Tenperaturak ere badu zeresanik. Hotzetan eutsi behar zaio haziari. Haziak pentsatu behar du neguan dagoela, ez dela ernatzeko sasoia. Hortik hotza eman beharra. Argirik ikustea ez zaio komeni. Ilunpea ere neguarekin lotzen du, eta amu horri heltzea komeni zaigu. Ernatzeko garaian, hori dena irauli behar da, negutik udaberrira igaro dela sentitu behar du haziak: hotzetik epelera, ilunpetik argitara eta lehorretik bustira. Hori da kakoa: negua sentitu eta gero udaberria aditu eta igarri.
news
argia-8598da24dfcc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/independentziarako-pedagogia.html
Independentziarako pedagogia
Ainhoa Larra�aga
2015-10-04 00:00:00
Independentziarako pedagogia Miresmenez eta arreta handiz ari gara jarraitzen Euskal Herritik Kataluniako prozesua. Ez dakigu zer gertatuko den; ez dakigu erabakitzeko eskubidearen estrategia benetan den eraginkorra independentzia lortzeko eta ikustear dago, Kataluniak espainiar inperialismoa garaitzea lortuko duen ala ez. Seguruenik asko dira Katalunian independentziaren aldeko prozesua hain aurrera joan izanaren arrazoiak edo gakoak. Euskal Herriko independentzia irrikaz bizi duen edozeinek, sarritan egingo du galdera hau: "Zer gertatu da Katalunian halako abiadura hartzeko?". "Zer ez da gertatzen Euskal Herrian horren motel joateko?". Irailaren 27rako hamasei egun falta zirela ospatu zen  Diada eta bertan egoteko aukera izan dut. Katalunia ametsa gauzatzeko unean dagoen herria dela esan daiteke eta gauza asko esan eta azpimarratu daitezkeen arren, bi kontu aipatu nahiko nituzke: herritarrek islatzen duten poza batetik eta egoera honetara iristeko egin den pedagogia, bestetik. Aurten, Via Lliurekoek lelo hauen modukoak bultzatu zituzten ekitaldi nagusian zehar: "Via lliure: a la democrácia; al món; a la sostenibilitat; a la justicia social; a la diversitat; a la solidaritat; a la igualtat; a l'equilibri territorial; a la educación; a la cultura". Eta hori guztia independentziaren bidez. Modu sinple eta argian independentziak dakartzan onurak azaltzen dituzte esaldiok. Modu grafikoan adierazten dute, Kataluniari –eta edozein estaturik gabeko naziori– euren burua gobernatzeak dakarzkion onurak. Hedabide publikoek zein pribatuek eta beste hainbat eragilek independentziaren aldeko jarrera esplizitu edo inplizitua adierazten dute euren jardunetan. Europara bidali duten ordezkariak esana du, Europak Katalunia estatu gisa onartuko duela, baldin eta herritarren gehiengoak baiezkoa ematen badu; eta, hori ere, modu argian komunikatu dute. Katalanek gurera begiratu izan dute sarritan eta orain gu gara begirada Kataluniatik kendu ezinik gabiltzanak. Ez, ezin dira bi herrialdeak alderatu; ez dira alderagarriak. Baina, otzandu gara euskaldunak. Independentziarako bidea piztu beharra dago eta horretarako ezinbestekoa da independentziarako pedagogia. Bi argudio ildo sendotan oinarrituz: argudio historikoa batetik eta guk geuk determinatzeko boterea izateak dakarren abantaila bestetik. Euskal Herriak independentzia behar du bizi irauteko. Eufemismoak albo batera laga behar dira eta lotsarik gabe pedagogiari ekin.
news
argia-9c92bff97430
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/edurne-larranaga.html
"Euskararen erabilera eskubidea da eta hori ez da inposatzen, bermatu egiten da"
Malen Aldalur
2015-10-04 00:00:00
"Euskararen erabilera eskubidea da eta hori ez da inposatzen, bermatu egiten da" LABek lan mundua euskalduntzeko LanEus ildo estrategikoa eguneratu du. Urtebetez 150 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. LABek eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko apustua egin zuen 2000. urtean. Edurne Larrañaga LABeko Euskara idazkariaren hitzetan lan munduan euskara sustatzeko konbentzimendutik sortu da plan estrategikoa. Zer da LanEus? LanEus gure borrokarako plan estrategikoa da. Ez da enpresa jakin batek egiten duen borrokarako eskaintza bat. Euskararen normalizazio prozesu batzuk abiatzea ekarri beharko luke borrokarako bide honek. Lan munduak euskalduntzeko beharrez segitzen du, beraz. Etxera begira, euskalduntzeko pauso asko eman ditu LAB sindikatuak, eta barrura begira emandako urrats horiek kanporatu nahi genituen. Sindikatua bera, lan mundua bezala, erdaraz –kasu honetan gaztelaniaz– sortu zen, eta orain horiek euskaratzea da plan estrategikoaren helburua. 2000. urtean sindikatuak kongresuan hizkuntza politika propioa onartu zuen; horrela, euskara sindikatuko hizkuntza ofizial izendatuz. Zeintzuk dira borroka plan horrek ekarriko dituen berritasun nagusiak? Ekarri duen berritasun nagusia euskararen normalizazioaren erronka ekintza sindikalaren barruan kokatzea izan da. Lan eskubideen baitan kokatu ditugu hizkuntza eskubideak eta sindikatuak dituen tresna guztiak erabiliko ditugu lan mundua euskalduntzeko: mobilizazioak, negoziazioak, aliantzak… Eta ardatz nagusiak? Aipatu berri dudanaz gain, lan mundua euskalduntzea arautzeko prozesu bat egitea; euskararen arnasguneak babestea; euskara inbertsio gisa ikustea; langileei hizkuntza eskubideak aitortzea; eta lan mundua ikuspegi integralarekin ulertzea, derrigorrezko hezkuntzatik hasita. Krisi garaian hizkuntzaren normalizazioan apustu egiten. Hizkuntza politika zerbait dinamikoa da, horregatik, gizartearen azterketa batetik abiatu behar dira proposamenak. Guk ikusi genuen egungo krisiaren aitzakian politika neoliberaletan sakontzen ari direla; hori guretzat aukera zein arriskua izan daiteke. Bi eredu daude talkan: Kapitalarena, hau da, eredu neoliberala sustatu eta lan harremanak erdaraz sustatzen dituena, eta bestea aldaketa nahi duena, eskubide sozialen bermean oinarritzen dena. Aldaketa horren baitan kokatzen dugu lan harremanen eraldaketa. Izan ere, dirua eskuz aldatzen da, baina ez da desagertzen. Guk aldarrikatzen duguna da euskara ezin dugula defizitarioa den zerbait bezala ikusi, etorkizuneko inbertsio bezala ikusi behar dugu. Euskara eta lan mundua Euskal Herriak bizi duen prozesu politikoarekin lotu nahi ditugu. Prozesu zabalagoaren parte da, beraz, estrategia plana. Euskal Herrian azken urteotan normalizazio prozesu bat eraiki da eta euskarak ere behar du bere normalizazio prozesua; eta zer esanik ez, lan munduan. Ziurrenik, eremu sozioekonomikoa da une honetan euskararen normalizazioan gutxien aurreratu dena. Bestalde, herri baten garapenerako hizkuntzak duen eragina oso handia da. Hizkuntzek hainbat funtzio dituzte eta horietako bat eremu sozioekonomikoan aritzea da. Azken finean, estrategia nazionala da. Sektore eta lurralde bakoitzak bere erritmoa du, baina egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta helburua berdina da Euskal Herri guztirako; ezin dugu bestela ulertu, estrategia konfederala da, eragin eremu administratibo eta herri guztietarako baliagarria dena. Gero egikaritzeko orduan federazio bakoitzari dagokio hausnarketa egin eta bere errealitatera egokitzea. Dena den, erakundeek ere badituzte hizkuntza politikak. Administrazioetatik ez da benetako hizkuntza politikarik bultzatzen lan munduan. Hizkuntza politikek errealitatea aldatzea ekartzen dute beti, eta horretarako errealitatearen azterketa egin behar da. Kuriosoa da, euskarak lan munduan bizi duen egoeraren azterketarik ez da egin. Ez behintzat instituzio publikoen aldetik. Norabidea kontuan hartu gabe abiarazten dituzte politikak. Batzuek asko azpimarratzen dute lan munduan hizkuntzaren inposaketa. Hizkuntza aukera da eta ez inposizioa. Euskararen erabilera guztion eskubidea da, eta hori ez da inposatzen, bermatu egiten da. Horrelako estrategia bat egikaritzeko hitzarmenek zer garrantzi dute? Eragin eta aliantza eremu batzuk identifikatu ditugu; elkarlanaren bitartez egin beharko dugu hau guztia. Eragin eremuari dagokionez, sindikatua garen heinean, lan eremuan eragin behar dugu: langileen artean adostasunak lortu behar dira euskararen aldeko jarrera hegemonikoa izan dadin. Bestalde, herri estrategia dugu, burujabetza propio bezala. Lan mundua euskaratzean akuilu eta motore izan nahi dugu, baina horretarako aliantzan oinarritutako bideak jorratu behar ditugu; bakarrik ezinezkoa da. Adostasunak baita sindikatu barruan ere. Izan ere, parte hartze prozesu bidez egin duzue plana. Hasieratik sindikatuaren hausnarketa izatea nahi genuen. 150 pertsona baino gehiagoren iritziak bildu genituen: LABeko kideak, Ernaiko eta Sortuko militanteak, euskalgintzako jendea, norbanakoak… Hainbat modu erabili genituen: aurrez aurreko elkarrizketak, eztabaida taldeak, webgunean eskegi genuen eztabaidarako zirriborroa eta ekarpenak egitekoa... Parte-hartzailea, publikoa eta zabala izan zen prozesua. Dena den, oraindik amaitu gabeko prozesua da, hausnarketa egin dugu, baina orain diseinatutako estrategia praktikan jartzea falta da. Zer-nolako harrera izan du? Sindikatuaren barruan oso harrera positiboa izan du, gehienbat denen artean osatua izan delako. Egia da, halaber, egikaritzeari begira dugula erronkarik handiena; momentu honetan lurralde guztietan lan harremanak dauden bezala egonik, ez da erraza izango. Hala ere, guztiaren gainetik badago konbentzimendu bat. Uste dut sindikatu bakarrenetakoa garela estrategia definitu bat egin duena. Norabidea zehaztu behar da eta hori da, hain zuzen, instituzio publikoetatik bideratzen diren ekintzen hutsune nagusietako bat.
news
argia-0af882b99cd4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/kapitalismoaren-kontrako-karabana-feminista.html
Kapitalismoaren kontrako karabana feminista
Juan Mari Arregi
2015-10-04 00:00:00
Kapitalismoaren kontrako karabana feminista Emakumeen Mundu Martxak 1995ean Quebec-en egindako emakumeen martxan du jatorria eta mundu osora 2000. urtean zabaldu zen; orduko hartan Euskal Herriko mugimendu feministak ere parte hartu zuen. Egunotan, IV. Nazioarteko Ekintza egiten ari dira Gure gorputzak, gure lurraldeak lelopean. Kapitalismoaren kontrako kutsu nabarmena du oraingoak. Martxoaren 8an irten zen karabana feminista Kurdistandik eta Europan barrena ibiliko da urriaren 17ra arte. Euskal Herrira irailaren 28an iritsi eta urriaren 4ra arte egongo da. Emakumeek ondo dakite euren zapalkuntzaren atzean kapitalismoa dagoela, ez genero edo sexuaren ikuspegitik soilik, baita ekonomiaren arloan ere: langabezia, pobrezia, prekarietatea, diskriminazioa eta desberdintasunak sortzen ditu sistema horrek. Euskal Herriko mugimendu feministak bizitza oinarrian eta zentroan jarriko duen eredu jasangarriagoaren alde egiten du, alde batera utziz etekinak handitzea baizik bilatzen ez duen merkatuaren logika. Argitara atera behar dira ohikoan ikusezin bihurtutako lanak, gure egunerokoa zutik mantentzen duten horiek, eta sistema kapitalista heteropatriarkal honetan ezkutatuta daudenak. Lan horiek historikoki emakumeen bizkar utzi izan dira, derrigortuta eta dohainik. Generoa, sistema sozioekonomikoaren aldagarri gisa hartu beharko litzateke, generoen arteko desberdintasuna kapitalismoa oinarritzen den sistemaren ardatz estrukturala baita momentu honetan. Mugimendu horrek egitura sozial berria sortu nahi du, pertsonengan eta euren behar eta gaitasunengan oinarritua, ez kapitalaren pilaketan eta etekin gosean. Aberastasunaren banaketa bidezkoa, jasangarria eta bideragarria izango luke egitura berriak, oraingo eta geroko pertsona guztientzat bizimodu duina bermatuko lukeena. Ezaugarri horiek dituen karabana feminista eta antikapitalistak elkartasun eta babes osoa merezi du gure herrietatik igarotzen denean, berarekin dakartzan aldarrikapenak nork bere egin eta praktikan jarriz. Horiek konkistatzen lagundu behar dugu.
news
argia-46e249b3cb99
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/energia-berriztagarriek-milioika-enplegu-sor-lezakete.html
Energia berriztagarriek milioika enplegu sor lezakete
Joxerra Aizpurua
2015-10-04 00:00:00
Energia berriztagarriek milioika enplegu sor lezakete Irailaren 21ean Greenpeacek kaleratu zuen txostenaren arabera, energia berriztagarriak, enplegu iturri izateaz gain, energia fosilekin lehiatu daitezke. Berriztagarrien azpiegitura teknologikoa eta energia fosilena antzekoak dira, txostenean esaten denez, eta beraz ordezkapena egiteko oinarri erreala dago. Greenpeacek aurkeztutako agertokietako batean, berriztagarriek energia fosila eta nuklearra ordezka ditzakete 2050erako. Bide hori egiteak 1.400 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke urtero, baina trukean 2030erako eguzki energiaren inguruan 9,5 milioi lanpostu sortuko lirateke, hau da, egun ikatzaren industriak duen beste. Energia eolikoak, berriz, 7,8 milioi lanpostu sortuko lituzke, petrolioaren eta gasaren industriek dutena bi halako. Txostenak mahai gainean jartzen duen egoera teorikoa errealitate bihurtzeko borondate politikoa besterik ez da behar, Greenpeaceren ustez. Kontuan hartu behar da une honetan gure energia gastuaren %80 iturri fosilen bidez asetzen dela.
news
argia-042dc3ea2e06
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/remigia-etxarrenen-bizitza-hari-harian.html
Remigia Etxarrenen bizitza hari-harian
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-10-04 00:00:00
Remigia Etxarrenen bizitza hari-harian Iruñea, 1853ko apirilaren 11. Leona Remigia Etxarren funanbulista jaio zen Nabarreria auzoan. Aita hil ondoren, Manuela Aranguren ama berriro ezkondu zen, eta handik aurrera Pellejerias kalean bizi zen familia, egungo Jarautan. Remigia Etxarrenen beste berririk ez daukagu 1882ko uztailaren 12ra arte. Egun horretan Iruñeko zezen plazan aritu zen, "Teresy y Velázquez" akrobata konpainiarekin batera. Handik sei egunera, Lau-buru n –1882tik 1886ra Iruñean argitaratu zen egunkarian– idatzitako kronikak honela zioen: "Deigarria da uztai finkoan eta soka tenkatuan Agostini andereñoak erakusten duen adorea eta segurantza". Izan ere, Mademoiselle Agostini zen Etxarrenen izen artistikoa. Uztailaren 25ean, Eco de Navarra egunkariko zuzendari Nicanor Espoz Redinek "artista petoa" eta "punta-puntako orekaria" esaten zion, "oreka-hagan moldatzen diren eta soka gainean dantzan dakiten iruindarrak badaudela" egiaztatuz, harrituta. 1883ko maiatzean, Manuel Carralen konpainiarekin eta milaka ikusleren parean, Arga ibaia zeharkatu zuen, eta udalak 500 pezeta eman zizkion balentriaren truke. Berriro ere Lau-buru egunkariak idatzi zuen ekitaldiaren kronika: "Soka-dantzariak ibilbideari ekin zion; publikoa isilik geratu zen une batez eta, handik hiru minutura, Agostini lasaitasun osoz iritsi zen beste aldera, lurretik hamar bat metrora jarritako soka gainean. Orekariak oinak saskitxo batzuetan sartu zituen eta, oinetako horiek ondo lotuta, ibaia baretasun handiz zeharkatu zuen; bidaia arriskutsuaren amaierara iristeko lau minutu eman zituen. Atsedenaldi laburra egin eta berehala, soka berriro ibili zuen, begietan lotura ipinita eta gerritik gora oihal lodizko zaku batez estalita. Publikoak gogoz egin zion txalo, eta funanbulistak ekitaldia amaitu zuen berriro ibaia zeharkatuz, baina oraingoan mugimendu arriskutsuak eta jarrera zailak eginez". 1884an Gaztelu Plaza zeharkatu zuen, eta zezen plazan ere ikuskizunak eskaini zituen. Honela deskribatu zuen horietako bat El Eco de Navarra k: "Soka gainean, korazaz eta kaskoz lotuta, suziriak bota zituen, funanbulista suzko euriaren artetik agertzen zen konbinazio ezin hobea lortuz". Jaioterriaz gain, Etxarrenek Euskal Herriko nahiz kanpoko hainbat herri ibili zituen eta, besteak beste, Ibaizabal eta Pisuerga ibaiak zeharkatu zituen. 1892ko urriaren 5ean, Ondarroan, aulki baten gainean ariketak egiten ari zela, hamabost metrotik erori zen. 1904an Iruñean bertan eskainitako saio bakana salbu, hantxe amaitu zen haren karrera. Etxarrenen bizitzaren berri xehe jaso duen Patxi Abasolo historialari nafarrak dio Jauregiko Aldapako 3.ean bizi izan zela azken urteetan; beste iturri batzuen arabera, kale gorrian amaitu zuen. Baina denak bat datoz gauza batean: Mademoiselle Agostini handia miserian hil zen 1921ean. Ordainetan, hori bai, Txantreako kale batek haren izena –benetakoa– du gaur egun.
news
argia-0b37e2df13ff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/irailak-27-katalunian-3.html
"Benetako erreferendum bat egiteko agindua atera da hauteskundeetatik"
Aritz Galarraga
2015-10-04 00:00:00
"Benetako erreferendum bat egiteko agindua atera da hauteskundeetatik" Batzuen eta besteen posizio hartze publikoak gertatu aurretik, Kataluniako hauteskundeen emaitzen gaineko iritzia eskatu diogu Arturo Puente El Diario.es eta Catalunya plural agerkarietako kazetariari. Zein litzateke hauteskunde emaitzen lehen balorazioa? Independentismoak, bozen %47rekin, gehiengo absolutua ez, baina gehiengo sinplea lortu du. Eta argiki gainditu du mahai gainean dauden aukera nazional anitzetako edozein: autonomia gisa jarraitzea, estatu federal bat egitea, eta abar. Dauden ikusmolde nazional guztien artean, independentismoa da gehiengoa duena. Gainera, denboran mantentzen da, gutxienez 2010etik, eta hauteskunde bide egokiak ematen zaizkionean, %50aren inguruan ibili daitekeela erakutsi du. Zer egiteko legitimazioa ematen du gehiengo horrek? Nire ustez, benetako erreferendum bat egiteko legitimazioa. Ezin dugu jakin zer bozkatuko lukeen, bi aukera lituzkeen erreferendum batean, hauteskunde hauek plebiszitu izaerakoak ez zirela zioten alderdiak bozkatu dituen jendeak. Ez dugu ideiarik. Ziur dakiguna da 1,8 milioi katalan daudela independentziaren alde. Igandeko bozetatik atera den agindu demokratikoa da: hautsi Espainiako legalitatearekin, egin Kataluniaren baitako legearen araberako erreferendum bat. Bi aukerekin, bai edo ez. Eta azkar egin, jendeak orain dela hiru urtetik eskatzen duelako. Ahaztuko dugu, beraz, 18 hilabetean Espainiatik deskonektatzeko plana. CUPek ez du hortik joko. Abstenituko balitz ere, Mas ez litzateke presidente izango. Ematen du Mas ez dela presidente izango. Garailearen porrota izan da zentzu horretan. Independentismoaren garaipena, baina Masen porrot pertsonala. CUPek izango du gehiengo parlamentarioaren giltza. Prozesuaren azkartzea ekarriko du horrek? Gauzak azkar egitea eskatuko dute, atzerakorik ez dituzten neurriak. Oso garrantzitsuak izango dira CUPek mahai gainean jar ditzakeen kontuak, maila sozialean ere bai, aipatzen ari dira hiritarren erreskatatze plan bat. Orain arte, azken hiru urteetan, CIUk eta ERCk izan dute gehiengoa, eta aurrera eraman dituzten politikak, jar daitezke nahi beste partxe, diru gutxiago zegoela, eta egia da, baina politika antisozialak izan dira, murrizketa politikak. CUPek horrekin guztiarekin bukatu nahiko du. Beraz, azkartze bat emango da, eta bi bideetan. Kataluniako emaitzak ezagututa, zer atera daiteke Espainiako hauteskunde orokorretatik? Kataluniako gizartearen eskaera nagusiak urrun daude Espainiako gizartearen eskaerengandik. Interesak gero eta gehiago banandu dira. Hala, ez dut uste ezer errealista atera daitekeenik hauteskunde orokorretatik, Kataluniako egoera hobe dezakeenik. Katalanek erakutsi dute bide propio bat jarraitu nahi dutela. Atera daiteke gobernu bat, oso lausoki, erreferendum azkar eta adostu bat egiteko pizgarria izan dezakeena, independentismoa puntu batzuk jaitsaraziko lukeena? Ez dut ikusten. Estatu mailan soluzio diferenteren bat egongo denik ez du ematen. Oihartzunik izan dezake hemendik aurrera Katalunian gertatzen denak Euskal Herrian? Kataluniak irekitzen badu ia segurua den bide propio bat, Euskal Herrian gauzak zailtzen zaizkio EAJri, gaur eguneko egoera erosoan jarraitzeko, egokitze forala eta abar. Ireki ahalko litzateke bide bat, berriz osatzeko mapa, estatu independente diferenteen artekoa, konfederazio moduko bat. Baina oso urruneko eszenatokia da, gauza asko pasa beharko lirateke aurretik. Independentismoaren garaipenak, hori bai, gainontzeko agente nazionalak interpelatzen ditu.
news
argia-4bc260d0bea7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/agur-terdi-aroa.html
Agur t�Erdi Aroa
Joxerra Garzia
2015-10-04 00:00:00
Agur t�Erdi Aroa Betelana zer den azaltzeko, andre-jaunok, nekez aurkituko duzue adibide hoberik, egunotan bazterrrak (tira, euskararen txokotxoak) astindu (tira, zipriztindu) dituen gure ereserki arranditsuaren hitzena baino: "Agur jaunak, jaunak agur / agur t´erdi".   Puskaz mamitsuagoa da agur banatze huts horren osteko puntua: "Denok Jainkoak / eiñak gire, / zuek eta / bai gu ere" (sic aipuak oro, orain artekoak eta bai gerokoak ere). Berdintasun aldarrikapen nabarmena da hori, dudarik gabe, nahiz ez dakigun jainkoak berdin egindako horietan andreak ere sartzen diren, ez baitira aipatu ere egiten (tira, garuna mahaspasa bihurtu arte zukututa, "zuek eta" hori izan liteke andreak, zeharka bada ere, aintzat hartzeko estrategia halako bat, gu gizonok andre jendeari grazioski egindako oparia). EHUren ikasurte hasierako ekitaldian piztu zen eztabaida. Ekitaldi arranditsu haren mailarako ez du noski edozein kantuk balio, eta ereserki hori aukeratu zuen EHUko abesbatzak (edo goragokoren batek). Eta? Urtean zientoka ekitalditan kantatzen da Agur jaunak , eta ez da deus gertatzen. Kontua da, ordea, abesbatzak ez zuela kantuaren ohiko bertsioa erabili, okasiorako propio aldatutako hitzak kantatu baitzituen. Aldaketa hori egiteko "iradokizuna", antza, goitik etorri omen zitzaion zuzendari jaunari. Nolanahi ere, aldaketa horrek eragin du, hedabide eta sare sozialetan, hasieran aipatutako ika-mika. Funtsean, betiko auzia da: zeri eman lehentasuna, tradizioari ala giza eskubideei? Hori baita kontua, bai Agur jaunak kantuaren kasuan, bai Irun eta Hondarribiko alardeenean, edo zezenketa eta neska nerabeen ablazioenean ere. Iñaki Anasagasti jeltzale amorratuak adibideratzen du tradizioa gurtzearen aldekoen jarrera: "Nortzuk dira Goirizelaia errrektorea edo ekimen hori bultzatu dutenak euskal herritarron parte baten historia aldatzeko?". Berdin galde genezake besteok, amorrua irentsita, ea euskal herritarron zein partek ezarri zizkigun gainerakooi Agur jaunak eta Gora ta Gora ereserkiak, besteak (asko eta oso) beste. Anasagastirenaz oso bestelakoa da Anjel Lertxundiren ikuspegia: gizarteak aspaldion aurrera pauso nabarmenak egin dituenez emakumeen eskubideetan eta laikotasunean, aurrerapen horiek plazan beren isla izateari primeran deritzo Lertxundik (nik ere bai, jakina), eta unibertsitatearen jokabidea txalotzen du, "ibilian ikasi duguna –jaunak eta andreak denok berdinak eginak gara– Unibertsitateak natural-natural kantatu eta ofizialdu" duelako (horretan ere bat nator ni). Unibertsitateak hori berezko egitekoa duela dio gero idazle oriotar zarauztartuak: "Horretarako baitago, besteak beste: aldaketak egiaztatu eta sendotzeko". Hori ere horrela da, baiki (tira, hala behar luke, behintzat), baina horretan ez naiz Anjel bezain baikorra. Nahi nuke izatea, baina unibertsitatea barrutik ezagutzen dut, eta nago oraingo "Agur jaunak ta andreak" hori areago dela politikoki polit izan nahiak eragindakoa, gizartearen "aldaketak egiaztatu eta sendotzeko" ahalegin benazkoa baino. Euskal gizarteko ezinikusi, istilu eta gatazkak arrazoiaren bidez gainditzen laguntzea ere unibertsitatearen berezko egitekoa dela esango nuke, baina batekoz bestera da hori, euskal gatazka antonomasikoa bere gaiztoenean zegoen garaian nik ikusi dudanaren arabera. Aukeran, unibertsitatean jauntxo (tira, eta andretxo) gehiegitxo ote dagoen, hori da nire susmoa, hemeretzi urteko eskarmentuan oinarritua. Eta, kantuak kantu, hori horrela den bitartean, nekez aterako da agur t´Erdi Arotik.
news
argia-79b90685925a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/volkswagen-nafarroako-ikur-ekonomikoa-aebetan-zigortua.html
Volkswagen: Nafarroako ikur ekonomikoa, AEBetan zigortua
Joxerra Aizpurua
2015-10-04 00:00:00
Volkswagen: Nafarroako ikur ekonomikoa, AEBetan zigortua Volkswagenek iruzur egin du. Ez du AEBetako legedia betetzen emisio kutsatzaileei dagokienez, eta automobilen isurketak neurtzen dituen tresneria manipulatu zuen han saldu ahal izateko. Antza, 2009 eta 2015 bitartean saldutako 482.000 ibilgailutan egin du iruzurra konpainiak. Isuna jarriko diote seguruenik –16.000 milioi euroraino irits daiteke zigorra–, baina hori baino gehiago ordaindu beharko du Volkswagenek: haren izen ona ez da jada hain ona izango. Galderak berehala datoz: Nafarroan ikur ekonomikoa denari nola eragingo dio horrek? AEBetan iruzurra egin du; eta Europan? Automobilgintza sektoreko iruzurgile bakarra al da? Eta nork salatu du Volkswagen? Beste automobil ekoizle batek akaso?
news
argia-24a8ae00abbe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/harriak-ez-du-begirik.html
Harriak ez du begirik
Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena
2015-10-04 00:00:00
Harriak ez du begirik 1 Aritzen nintzen garaian administrari lanetan txin-txin hotsa zen nagusi nire galtza barrenetan. Orain denbora orrazten tematzen naiz gehienetan: Erreka erreka al da urik ez dakarrenetan? Igandeak zer egiten ote du astelehenetan? ta antzeko esaldiak idazten ditut trenetan... Denok ez dugu koadratzen mundu borobil honetan.     2 Murrizketa izeneko trumoien eta tximisten denboraleari zeinek ez dio grifoa ixten? Maiz pentsatzen dut "laguntzak eman beharko ditizten", baina itxaropenari ez zaio izarrik pizten. BEZ-a ta zergak ez dira soldaten neurrian jaisten, hilabete bukaerei luzexko diet irizten, otsailean ere ez da nahi ordurako iristen.     3 Zertara datoz hainbeste itxura eta antzezte? Zertara "gorantza goaz ta lasai egon zaitezte"? Gosea egarri bada, euria eguzki eske, heriotza jolasean zilbor-hestez zilbor-heste... Lepo gehiegik egiten du bere buruaz beste, bizirauteko sufritu behar denean hainbeste, perfektuak adizkiak bakarrik izan daitezke.     4 Negua udazkenetik ezin dugunez aldendu, askoren egutegiak ditu hamabi abendu; zoriona biluzteko sentimenduz sentimendu, denbora gure nahieran erabili ahal bagendu! Joan denari burlaize, datorrenari lausengu, nahiz eta bihar-etziko izpien miran gauden gu, geroaren etorrera orainak atzeratzen du.     5 Hipotekak ainguratu gintuen hondo-hondoan, zorra kitatu ezinik gabiltza urte mordoan; bankuak ultimatum-a eman zigunez lehengoan, senarra, ni eta gure seme-alabak gogoan Stop Desahucios-ekoak izan ditugu ondoan, hilabeteko arnasa lortu dugu oraingoan, baina ez dakit hurrengorik izango den hurrengoan.     6 Gaztetan iraultzailea nintzen eta ze arraio! Bidea dela borroka idatzi nuen soraio; krisiak iltzatutako gurutzearen karraio, gaur horma arraildu hari begira egon natzaio. Bezperan hilda ezin da biharamunean jaio, helmugetara heltzeko egin arren hainbat saio, biderik ez duenari borroka gelditzen zaio.     7 Erasoak eraso ta ofentsibak ofentsiba, kalea da irabazi beharreko lehen partida; horregatik hurbildu naiz gaur ere plaza erdira, gorbatadunak aurrean, kazetariak begira... eskuak amorruari eman nahi dio kabida, urtetan pilatutako mina gorpuzten ari da, harriak ez du begirik, begiak harritzen dira.     8 Hegoak iparrik gabe, hegorik gabe iparra, iragan urrun batean izoztu zait irrifarra. Gero ta lausoagoa denez ostertzeko marra, onena oheratzea izango dut ttirri-ttarra. Betozkit izar-uxoak, betorkit ilunabarra! Loa da ameslarion euskarri sendo bakarra: dena argi ikusteko begiak itxi beharra. Doinua : ETAren su-etenetik
news
argia-9f4b3500cf9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/internet-artxibategi-gisa.html
Nahieran erabil daitekeen iturria?
Lander Arretxea
2015-10-04 00:00:00
Nahieran erabil daitekeen iturria? Sarean han eta hemen aurkitzen ditugun eduki gehienak, enpresa pribatu erraldoiek kudeatutako plataformetan daude. Euren baldintzapean. Badira beste alternatibak hala ere, EITBren Nahieran plataforma esaterako. Biltegi digital publikoen beharraz mintzatu gara sortzaile duen Iñako Gurrutxagarekin. Oraindik tabua den gaiaz ere hitz egin digu: edukien berrerabilpenaz. Ohitu gara sarean zernahi bilatu eta aurkitzera. Telesailak, abestiak, irudiak… Ohitu gara, baita ere, guk geuk sortutako edukiak zabaltzera bertan. Amaigabea dirudien iturria bilakatu da. Baina eduki horiek biltzen dituzten plataforma gehientsuenak (Youtube, Facebook, Instagram…) enpresa pribatuen esku daude. Ondorioz, baita ikus-entzunezko, argazki eta abarrak ere. Zentsuratu egin ditzakete, saldu edo ezkutatu. Ba ote gara, oro har, erabiltzaileak horretaz jakitun? Hori kontuan izanda jokatzen al dugu? Sarea ez da espazio askea Euskal gazteek Facebooken duten jarrera aztertu duen Koldo Bizkarguenaga soziologoak uste du ezetz, ezer gutxi dakigula partekatzen ditugun edukien baldintza eta jabetzaren inguruan. "Bestela ziur nago hainbat euskal erabiltzailek ez genukeela gure argazki eta informazio pertsonalarekin Facebook bezalako enpresa batek etekin ekonomikoak atera dezan lagunduko". Ildo beretik, Interneten egonkortzearekin lilura orokor bat sortu zela dio, oraindik ere mantentzen dena. "Edozer egin, esan edo izateko aukera dagoela hedatu zen, baina sarea ez da espazio askea. Hori azpimarratu beharra dago". Enpresa pribatuen zein estatuen kontrola nabarmena dela gogorarazten du Bizkarguenagak. Askea ez den espazio horretan eta enpresa erraldoien artean, badira irabazi asmorik gabe edukiak bildu eta sailkatzeko lana egiten dutenak ere. Artelekuko Audiolab sailak 2005ean martxan jarritako Soinu mapa egitasmoa kasu. Xabier Erkiziak zuzenduta, Euskal Herri osoko soinu-grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkartrukatzen dituzte soinumapa.net helbidean. Norberak bere ekarpenekin mapa aberasteko aukera ere badu, eta eduki guztiak Creative Commons lizentziapean daude. On-line artxibategia zerbitzu publiko gisa Ikus-entzunezkoen alorrari begira jarrita aldiz, euskarazko biltegi nagusia EITBko edukia biltzen duen Nahieran plataforma da. 2011n jarri zuten martxan, euren ekoizpenak edozein unetan ikus ahal izateko aukera eskainiz. Baina ez da on-line telebista bat bakarrik, hasieratik izan du 33 urteko lana edonoren eskura jartzeko bokazioa. Hala dio plataformaren sorrera gidatu zuen Iñako Gurrutxagak. "Niri Nahieran zerbitzu publikoaren ikuspegitik interesatzen zait batez ere, ez kontsumo ikuspegitik. Erakunde hau gizarteak mantentzen du eta fruituak gizartearentzat dira, eta horretarako, eskura egon behar dute". Zentzu horretan, EITBtik kanpoko euskarazko eta euskal kulturaren inguruko edukiak ere bilduko lituzkeen artxibategia desiragarria litzakeela uste du. BBCk orain urte batzuk martxan jarritako Digital Public Space ekimena aipatzen du adibide gisa. "Erakunde publiko eta erdi-publikoen edukien biltegi orokorra egitea zen proposamena, dena dokumentatuz, eta ikusgarri jarriz". Ez du uste ordea proiektu horren lidergoa EITBren esku utzi beharko litzakeenik, susmo txarrak piztuko bailituzke. "Erakunde publikoek esku hartu beharko lukete horretan, eta elkarlana sustatu. Baina lehenengo pausoa da halako plataforma baten beharraz ohartzea; kontzientziazioa". Ez du baztertzen Wikipediaren eredura hurbiltzen den egitura horizontalago bat, baina argi du eduki gehienen jabetza duten erakundeen eta elkarteen inplikazioa dela ezinbesteko. Ikusi bai, jaitsi ez Nahieran egitasmoak hasieratik oso harrera beroa izan zuela dio Gurrutxagak, baina uste du sortutako itxaropenen mailara ez direla iritsi. Maiz adierazi du edukiak jaisteko modua izango zela, baina gaur gaurkoz, ez dago horretarako aukerarik. "Beti dago jabetza-eskubideren bat, musika dela, gidoia dela… Ez dugu asmatu oztopo juridiko horiek gainditzen". Hala ere, espero du epe ertainean ahalbidetuko dutela hezkuntzan erabiltzeko baliagarriak diren edukien deskarga. "Pauso hori lehenago edo geroago emango da, ondorio juridikoen arriskua gure gain hartu behar badugu ere". Dena dela, lan nekeza dela aitortzen du: "EITBn gaur egun audientzia datuak kaskarrak dira, eta kosta egiten da bestelako helburuak dituzten proposamenak onartzea". Berrerabilpena: hitz beldurgarri hori Diru publikoarekin ekoitzitako edukiak jaisteko moduan jartzea zaila eta ez-ohikoa bada, are da nekezagoa nahi bezala berrerabiltzeko aukera uztea. "EITBn, eta oro har sektorean, aukera hori aipatze hutsarekin larritu egiten da jendea". Kultura ulertzeko moduari dagokion zerbait dela uste du Gurrutxagak, eta bide asko egin beharko dela halakoekin beldurtzen den jendea limurtu ahal izateko. "Diru publikoarekin egindako zerbait, eta jada zabaldu dena, zergatik ez da izango baliagarria beste zerbait sortzeko?" Beldur horren jatorria edukia kontrolatu nahia dela dio, baina, gaur egun, zentzugabetzat jotzen du nahi hori. "Azken finean, berrerabilpena zure edukia hedatzeko modu bikaina da. Zuk sortutako edukiak bizirik jarraitzen duen seinale. Harro egoteko modukoa izan behar luke". Zinemaren historian ez dira falta beste iturri batzuetatik lortutako irudiak erabili eta berrantolatuz sortutako ikus-entzunezko lanak. Baina gehiegi urrundu gabe ere, EITBren artxiboak sormenerako izan dezakeen balioa frogatua du Maria Ruido artista galiziarrak 2011n plazaratutako ElectroClass lanarekin. 30 urtean pilatutako irudiak bilduz Bilboko hiriaren eta langileriaren bilakaeran telebistak izandako eraginaz mintzo da bertan. Gurrutxagaren ustetan, lan horren emaitza bai, baina prozesua bera ez zen eredugarria izan, ekoiztetxe batekin proiektu bat aurkeztu eta baimena eskatu behar izan baitzuen. "Nik ez nioke hori eskatuko eduki publikoa erabili nahi duenari. Edonork izan behar luke horretarako aukera". Gurrutxagak aitortzen du Nahieran ez dela oraindik berak nahi lukeena, baina baikorra da aurrera begira jarriz gero. Kudeaketa erraztuko duen plataforma propioa ari dira garatzen, eta Brightcove etxearen zerbitzua erabiltzeari utziko diote hala. "Gaur egun edukiera mugatua dugu, eta ezin dugu artxibo osoa igo. Plataforma berriarekin aldiz, gure zerbitzarietan egongo da dena, eta errazagoa izango da jaisteko aukera eskaintzea ere". Berrerabilpenarena aldiz, eztabaida zabalago baten parte dela dio, eta ziur asko, gehiago itxaron beharko du.
news
argia-fbe96f68df2f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/adibidez-ur-ardoa.html
Adibidez, ur ardoa
Jose Ignazio Ansorena
2015-10-04 00:00:00
Adibidez, ur ardoa Haurrak ginelarik, egunero bazkaltzeko garaian ur ardoa jartzen ziguten basoan: bi zentimetro ardo eta ura ertzeraino. Ez gara denak alkoholiko atera ezta guztiz tontoak ere. Baina egun eskandalua litzateke. Adibidez, jolas askotan matea ematen genion elkarri. Alegia, hutsa egindakoak hobe zuen ziztu batean jolastokitik alde egitea. Bertan geratu bitartean beste lagun guztiek egurtzeko eskubidea zutelako. Kupidarik gabe egiten genuen. Egun, ordea, erreformatoriorako atea zabalik genuke. Ez dut maite "gure garaiak" aipatzean soilik haur edo gazte sasoia izatea gogoan. Bizi garen bitarteko guztiak dira gure garaiak eta, osasuna dudan bitartean, gerra ematen jarraitzeko asmotan nago. Arbuiatzen dut garai haiek egungoak baino hobeak zireneko burutapena. Badut, ordea, errezeloa hainbat arlotan, basakeria batzuk ekiditearren, sozietatean inozokeria aldera errazegi lerratzen ari garela azken urteetan. *   *   * Lagun pedagogo batek, bere lanaz, pedaboboa dela esaten du. Adibidez, maiz aipatzen du horren argigarri: haurrentzako merkatuan salgai dauden ikuskizun pedagogiko , deituraz, gehienek txarrera hezten dituztela gure txikiak. Izugarrizko soinu bolumen ozena erabiltzen, esaterako. Kontu antipedagogikoagorik! Solidaritate publikoa eskatzeko ugaldu den eredu hainbat bide beretik. Halako gaixotasunari laguntzeko dirua bildu nahi eta, adibidez, denak berdez pintatu behar geure buruak, ipurtzuloan arrosa jarri, argazkia egin eta sare sozialetan hedatu. Aurrenik humanitatearekin izan behar solidario. Pertsonen adimenarekin ere bai. Bestela helburuak (diru batzuk biltzea kasu) bitartekoak zilegitzen dituela pentsatzea bezala da. Eta bitartekoak babuak direnean, babukerietara beste inora ez dago iristerik. *   *   * Adibidez, orain gutxi ikusi dugu Siriako iheslarien arazoa. Hildako umearen argazkiak edo hungariar kazetari malaputa ren irudiek eragin handiagoa izan dute, aurreko urte osoko informazioak baino. Zoritxarrez, kea bezala desagertuko da kezka soziala ere. Azti ibili beharra dago. Asmo onenez zabaldutakoak kaltegarri eta beti prest dauden orojaleen mesede bihur daitezkeelako. Adibidez, oraintxe esan du Frantzisko Aita Santuak: "Ez zaie ideiei zerbitzatzen, pertsonei baizik". Ederra. Baina pertsonei ongi zerbitzatzeko, ideia egokiak behar dira.
news
argia-eb9a03919a51
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/ana-belen-montes-los-cinco-kubatarrak-benetan-sei-ziren.html
Ana Belen Montes: Los Cinco kubatarrak benetan sei ziren
Pello Zubiria Kamino
2015-10-04 00:00:00
Ana Belen Montes: Los Cinco kubatarrak benetan sei ziren Raul Castrok eta Barack Obamak bukatutzat ematean AEBen eta Kubaren arteko gerra hotza, diplomazia berrezarri eta normaltasunerako urratsak abiatuz, batak eta besteak askatu zituzten bere etsaientzako lanean aritutako espiak. Ez denak, ordea. Texasen dago preso Ana Belen Montes, espioi kualifikatu eta oso berezia: sinetsi egiten du. Biarnoko Monein herri txikia honez gero ongi ezagutzen dute Washingtongo Etxe Zurian: Jacqueline Roussie andereak hilero idazten dio gutuna Barack Obamari . Joan den urtarrilekoan zioen: "Askatasuna maite duten milioika pertsonak bezala, sekulako poza hartu dut jakitean erabaki duzula aske uztea AEBetan hain injustuki espetxeratuta zeuden bost kubatarren arteko azken hirurak. Lehen urrats honek, eta iragarri duzun moduan zuen herrialdearen eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak berriro ezartzeak, ireki beharko lukete bi herrialdeon artean errespetuzko aro berri bat. Ziur nago erabaki honek zorion ukitu bat ekarriko ziola zuen familiari urte amaierako jaiotan". Hilero Obamari idazten dion Jacqueline Roussie –72 urte, matematika irakasle gaur erretretaduna– senar Clauderekin Kubara 2003an egindako bisitan maitemindu zen uharteaz eta hasi zen interesatzen han hain famatuak ziren Los Cinco presoez. Haiei laguntzen ahalegindu da geroztik Biarnotik. Segidan diotso Roussiek Obamari, Le Grand Soir gune ezkertiarrean publiko egin duen idatzian : "Gutun honekin, idatzi dizkizudan 74.a delarik, aipatu  nahi nizuke beste kasu mingarri bat Kuba eta AEBen arteko harremanei lotua eta isilpean geratzen ari dena: Ana Belen Montes en kasua". 2001ean atxilotu eta, heriotza zigorrari gutxigatik eskapu eginik, 25 urteko kondena ezarri dioten Montes agentearena, Kubaren alde espioitza lana AEBen inteligentzi zerbitzuen barnean goreneko mailan egin zuen emakumearen istorioa  da. Asturiastik joandakoen biloba eta jatorriz Puerto Ricokoa zen mediku militar baten alaba, Alemaniako base militar batean sortu zen 1957an. Virginiako unibertsitatean nazioarteko harremanetan diplomatu ondoren, 28 urterekin sartu zen AEBetako inteligentzia zerbitzu militarrean (Defense Intelligence Agency, DIA). Zazpi urtez analista lanetan arituta, nagusiek La Habanara bidali zuten ordezkaritza diplomatikoaren baitan, militar kubanoen antolamendua aztertzera. Beranduago, 1998an Joan Paulo II. aita santua Kubara joan zenean, han zebilen ezkutuko lanean Montes. Berataz orain batzuek dioten arren Montes hasieratik ari zela kubatarren alde lanean, 1985etik,  atxilotu aurreko urteetan DIAren Kubari buruzko analista nagusia zen. Eliteko agente askok bezala poligrafoaren froga gainditu behar izan zuen zenbait egoera susmagarritan, eta lortu zuen. Familia ere arras fidatzekoa du: Tito eta Lucy bi neba-arrebak FBIn ari dira. Mutil-lagun ohia ere DIAko agentea zuen. Bitartean, epaiketan demostratutzat geratu zenez, espioitzako nobela klasikoetakoekin parekatzeko moduko lana ari zen burutzen Montes. Bere goi kargutik kontrolatzen zituen bai AEBek Kuban zeuzkaten agente eta sareak eta bai yankiek zekitena kubatarrek AEBetan zeuzkaten agenteez. La Habanako bere kontaktuekin telefono publikoetatik eta irratiz komunikatzen zen informazioa pasatzeko. Montes izan omen zen, diote, kubatarrei zehaztu ziena El Salvadorren armada yankiak non zeukan base militar klandestino bat; ondoren gerrillari salvadortarrek eraso omen zuten base hori. Espia fededuna Kontrainteligentziako agente Scott W. Carmichaeli eman zioten DIAtik Montesi buruzko susmoak argitzeko lana eta 2001eko irailaren 20an atxilotu zuten Montes. Epaiketa eta kondenaren ondoren, Carmichaelek liburua idatzi zuen orain arte kubatarrek AEBetan eduki duten espia kualifikatuenaren bere bertsioa emanez. Adierazgarria da ipini zion titulua: True Believer , euskaraz Benetako Sinestuna edo Egiaz Konbentzitua ipini beharko genukeena. Carmichaelek kopiatu zion Eric Hoffer (1902-1983) filosofoari, honek titulu bera ipini baitzion masa mugimenduen eta lider eta militante politikoen osagai psikologikoa –kausa handi bati zaion sinesmena, norberari kausaren defentsan aritzeak ematen dion segurtasuna– deskribatzen duen obra bati. Izan ere, bai epaiketa osoan zehar eta bai gero, espetxetik bidali izan dituen gutunetan Ana Belen Montesek erakutsi du ez zuela Kubako aginte sozialistaren aldeko lana egin diruagatik baizik eta kubatarrek beren bide propioa egiteko eskubidea daukatela sinesten zuelako. Fiskalarekin negoziatu zuen arren heriotza zigorra saihestuz 25 urteko kondena onartzeko, Montesek esan zuen epaiketaren azken hitzean: "Epaile jauna, zure aurrean nago egin dudalako zenbait gauza legeari ez baina nire kontzientziari jarraituz. Gure gobernuaren Kubarekiko politika krudela da eta bidegabea, sakonki erasokorra, eta behar moral bat sentitu dut uharteari laguntzeko defenditzen guk gure sistema politikoa eta gure baloreak inposatzeko ahaleginaren kontra". Eta aurrerago: "Menturaz moralki arbuiagarria gerta daiteke Kubarenganako gure politikari erantzuteko nire modua. Agian Kubak presio ekonomiko eta politikoetatik aske bizitzeko daukan eskubideak ez du justifikatzen nik lagundu izana Kubari informazio sekretuak emanez bere burua defenditu ahal izan zezan. Nik soilik esan dezaket egin dudala injustizia larri bat konpontzeko zuzena iruditu zitzaidana". Gaur Ana Belen Montes da  25037-016 zenbakidun presoa Carswelleko presondegi militarrean. Psikiatria atalean daukate, nahiz eta berak arazo psikikorik eduki ez. 14 urte pasata, isolamendu osoan daukate. Aita eta senideak ikusi ditzake tarteka, ez beste inor. Debekatuak ditu telefono deiak, prentsa, liburuak, telebista, kanpotiko paketeak. Barack Obamak eta Raul Castrok sinatu dutenean AEBen eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak berrezartzea, tratuaren barruan zihoan espoitzagatik atxilotutakoak askatzea. Yankiek askatu dituzte Los Cinco famatuetatik azken hiruak. Trukean kubanoek libre utzi Alan Gross amerikarra eta kubatar misteriotsu bat, gero jakin dena zela Rolando Sarraff Trujillo, CIAk Kubako zerbitzu sekretuetan infiltratuta zeukan goi kargua. Sarraff Trujilloren lanarekin lortu zuen, antza, CIAk mozorroa kentzea Los Cinco famatuei... eta Ana Belen Montes berari. 2027a arte preso egon behar duen emakumearentzako indultoa eskatuz idatzi dio Obama presidenteari Moneindik Jacqueline Roussiek: "Ana Belen Montes, bere kontzientziari obedituz, nolabait izan da Kubaren eta Estatu Batuen gaurko harreman berrien aitzindaria".
news
argia-41a55b6b147e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/tom-hardyren-intimitatea.html
Tom Hardyren intimitatea
June Fern�ndez
2015-10-04 00:00:00
Tom Hardyren intimitatea Cinemanía zinema aldizkariak Tom Hardy aktoreak, Mad Max eko protagonistak, prentsaurreko batean LGTB aldizkari bateko kazetari batekin izandako tirabiraren bideo bat eskegi du. Hau izan zen euren arteko elkarrizketa :     – Kazetaria: Pelikulan [ Legend ] zure pertsonaia, Ronnie, bere sexualitatearen inguruko jarrera oso irekia du [bisexuala da]. Iraganean emandako elkarrizketen arabera, zure sexualitateak anbiguoagoa dirudi ordea. Pertsona ospetsuek euren sexualitateari buruz hitz egitea zaila dela esango zenuke?     – Tom Hardy: Zer demontreri buruz ari zara?     – K.: Orain dela urte batzuk Attitude aldizkarian izan zenuen elkarrizketari buruz [gizonekin sexu harremanak izan zituela esaten zuen, baina ez dela gustukoen duena].     – T.H.: Baina zein da zure galdera?     – K.: Ea uste duzun, ospetsuentzat euren sexualitateari buruz hitz egitea zaila den.     – T.H.: [Ironia doinuz] Ez dut uste ospetsuentzat euren sexualitateari buruz hitz egitea zaila denik. Nire sexualitateari buruz galdetzen ari zatzaizkit?     – K.: Noski.     – T.H.: Zergatik? [kazetariari erantzuten utzi gabe] Eskerrik asko.      Pikara ko Facebook orrialdean bideoa partekatu genuen eta 657 atsegin du t jaso zituen. Komentario gehienek aktorea txalotzen zuten: inori ez zaiola inporta norekin oheratzen den. Niri, ordea, ez zitzaidan erreakzio hori batere gustatu.     Hona hemen nire argudioak:     – Testuinguru argi bat dago: kazetaria LGTB aldizkari batekoa da, Hardyren pertsonaia bisexuala da eta bera ere bere zaletasunei buruz ari izan da hedabideetan. Gainera, Toronton Ellen Page bere neskalagunarekin alfonbra gorrian agertu izana albiste izan zen.     – Ospetsuentzat erraza balitz euren sexualitateari buruz hitz egitea, "armairutik atera" esaerak zentzua galduko luke eta Page ez zen albiste izango. Erantzun horrek LGTB artistekiko elkartasun urria adierazten du.     – Sexualitatea ez da gai intimoa. Heterosexualentzat zeharo publikoa da nor maite duten, nor desiratzen duten, zein familia eredu eraikitzen duten. Arlo sexuafektiboak garrantzi handia du eta heterosexuala ez izateagatik sekretuak gordetzen eta hitzak neurtzen ibili behar izana indarkeria era bat da.     – Kazetari berberak Page, Evan Rachel Wood eta Susan Sarandon aktoreak elkarrizketatu zituen eta hirurek jarrera jatorra izan zuten , armairuei, bifobiari buruz edota genero rolei buruz gustura hitz egin zuten. James Francok, ordea, aurreko batean gay kulturari buruzko galdera bat arbitrarioa zela esan zuen eta ez zekiela zer erantzun. Zergatik Franco eta Hardy ez dira horrelako galderak lasaitasunez erantzuteko gai? Homofobiak gizonen generoaren polizia bezala funtzionatzen duelako. Gizonek bere gizontasuna etengabe frogatu behar dute, marikoia izatearen susmopean ez jartzeko. Hori da maskulinotasun hegemonikoaren urrezko legea.      Cinemanía ko albistean diote kazetariak aktorea "estutu" nahi zuela, marikoi izatea, pentsaera matxistaren arabera, sasi gizona, kasik emakumea izatea baita. Hardyk bere ospea aprobetxatu zezakeen sexu askatasunaren eta aniztasunaren alde egiteko; artista gay, lesbiana, bisexual eta transexualen adorea txalotzeko; erreferente anitzen beharra onartzeko, (Andrea Momoitiori irakurri diodan metaforari jarraituz) zinema heterosexualen ispilu baita. Hardyren erreakzio ozpina ikusita, badirudi hau guztia ez duela ulertu, ezta homofobiaren mamua astindu ere. Tira, Hardy, ez estutu, aurkituko ditugu zu baino ispilu ederragoak.
news
argia-d85321f00662
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/lan-mundua-euskalduntzen-hamar-urte-ondoren-jasotako-uztari-errepasoa-imhn.html
Lan mundua euskalduntzen: hamar urte ondoren jasotako uztari errepasoa IMHn
Onintza Irureta Azkune
2015-10-04 00:00:00
Lan mundua euskalduntzen: hamar urte ondoren jasotako uztari errepasoa IMHn Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak hamargarren urtez antolatuko du urriaren 7an euskara eta lan mundua uztartzen duen mintegia . Termometroa jarriko diote alor sozioekonomikoa euskalduntzeko prozesuari. Horretarako hainbat eragilek euren iritzia emango du. Besteak beste ondokoak izango dira: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkari bat, DanobatGroup, Kontseilua, Laneki, Gaindegia eta IMH bera. Hezkuntzaren eta lan munduaren artean zubi lana egiten duen ikasgarai garrantzitsuak tokia izango du beste behin, eta horrela, Lanbide Heziketako Lantokiko prestakuntzan euskararen erabilera sustatzeko Gehitu proiektuaren 3. fasea azalduko dute. Ikasleen gehiengoak eskolan euskaraz ikasi eta lantokietan praktikak egiterakoan euskarari eusteko moduak bilatzen eta aurkitzen ari dira Gehituren bidez. Ondoren, enpresak, elkarteak eta aholkulariak garatzen ari diren praktika onak ezagutzeko parada izango da. IMHren 30+10 mintegiaren antolatzaileak dira: IMH bera, HPS, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala, AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza eta Laneki.
news
argia-3e5aee8244ac
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/irailak-27-katalunian-2.html
Agindua argia da
Enric Rimbau
2015-10-04 00:00:00
Agindua argia da Espainiako hedabideen zalapartaren gainetik, Kataluniako hauteskundeen emaitza argia da: independentismoak hauteskundeak irabazi ditu. 135 diputatuetatik 72 dira independentistak (62 JxS eta 10 CUP), gehiengo independentista eztabaidaezina, areago kontuan izanda independentismoak aurreko legealdian lortu zituela emaitzarik onenak 24 diputaturekin (21 ERC eta 3 CUP). Orain arte Convergencia inoiz ez da aurkeztu programa independentista zehatz batekin, hori ere gogoratu behar da. Kanpainan gaiari buruz izan den ika-mika guztia kontuan hartuta, beste egi bat ere komeni azpimarratzea: plebiszituaren irakurketa nagusitu da eta, berriz ere, alderdi eta hedabide espainiarren aldetik desitxuratu egin da analisia. Botoen %47,8 lortu duen independentismoak besteen aurrean ez duela irabazi azpimarratzen dute, baina ez dute aipatzen "ezetzaren" alderdiek (C's, PSC-PSOE eta PP) %39 lortu dutela. Ezta ere %11,5ek ez duela botoa eman plebiszitu logika erabiliz, adibidez Catalunya Sí que es Pot-ek (Podemos eta Iniciativa-Ezker Batuaren arteko koalizioa) eta desagertua den Duran Lleidaren UDCk. Ezta ere botoen %1,1 legebiltzarretik kanpo diren beste indar batzuek eraman dituztela. Azpimarratzekoa da plebiszituaren dialektikatik ihes egin nahi izan duten aukerak ezer gutxitan geratu direla, Unió adibidez; edo beren aurreikuspenak oso txiki geratu zaizkiela, adibidez Iniciativa eta Podemosen koalizioari. Plebiszitu logikak eman dio garaipena C's-i eta nagusitasuna espainiar nazionalismoan. 25 diputatuekin emaitza hirukoiztu du ia eta jota utzi du PP, hauteskunde orokorren atean oraingo galtzaile handia. PSC-PSOEk ere diputatuak galdu ditu, baina ez du inkestek iragartzen zioten tamainako zartakorik hartu. Partehartze errekorra egon da eta "ezetzaren" bloke politiko eta mediatikoak kanpaina apokaliptikoa egin du; horrexegatik, emaitza hauekin independentismoak bere proposamenari legitimitatea ematen dion agindu argia jaso du. Hori bai, jasotako emaitzek argi uzten dute prozesu katalanak ezkerrera egiten duela eta bere proposamen sozialak onartu beharko ditu. Itxaron beharko da atzerriko botoa heldu arte, baina emaitza hauekin Mas lehendakari izendatzea korapilatu egiten da, JxSren 62 diputatuez gain CUParen bat ere beharko baitu horretarako. Eta orain arte CUPek beti bota du atzera aukera hori. Orain bi indar hauen arteko negoziazioak hasiko dira, une honetan gobernu berria osatzeko dagoen arazorik handiena gainditzeko helburuarekin. Bi irtenbide besterik ez dira, edo lidergo aldaketa dago edo CUPek orain arteko irizpidea aldatzen du. Independentisten artean hor da eztabaida hori eta, hala ere, agindua argia da eta prozesuak aurrera jarraitzen du. Espainiako prentsak badu pixka baterako.
news
argia-d305ffe4010a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/andoni-lubaki.html
"Argazkia ateratzen dudan unean hustu arte negar egiteko eskatzen dit gorputzak"
Sustrai Colina
2015-10-04 00:00:00
"Argazkia ateratzen dudan unean hustu arte negar egiteko eskatzen dit gorputzak" "Entregatu nizkizun armak eta zuloak non neuzkan aitortu..." Fotokazetaria. Fotokazetaria izateak lege batzuk onartzea dakar: ezin duzu argazkitan ateratzen duzunaren testuingurua manipulatu, ezin duzu ez ezer ezabatu ez ezer erantsi, subjektuarekin hitz egitea dagokizu, argazki oinak zehaztea... Ikuspegi propioak gidatutako zintzotasun ariketa da. Testu bat idazterakoan, izenondoak hautatzen dituzu, nondik eta nola ekin erabakitzen, esapideen artean aukeratzen. Parean eta buruan dudanari zentzu bat emanez, gauza bera egiten dut nik argazkiekin. Argazkilaritzari historikoki egiaren indarra aitortu zaio, aurrean duguna izozteko gaitasuna, baina ez, argazkilaritza ez da egia. Egia kopuru bat dauka, egia faktore bat, baina argazki baten atzean beti dago ikuspuntu bakar bat. Nik erabakitzen dut non zer enfokatu, nik erabakitzen dut noiz egin klik. Ni naiz makina tekniko bati aginduak ematen dizkiona. Argazkilaritza objektiborik ez dago, testu objektiborik ez dagoen gisan. Karretea objektiboa dela? Kodak edo Fuji ala kolorea edo zuri-beltza hautatzen duzun momentutik markatzen duzu ikuspegia, eta gainera, egun photoshoparekin egin daitekeen guztia egin daiteke laborategian. Analogikoak zein digitalak izan, argazki guztiak dira subjektiboak. Hala, ukituak gure izenondoak dira. Non dago sinesgarritasuna? Zintzotasunean. Beti defendatu dut argazkilaritza subjektiboa dela. Beti esaten dut nik hautatu dudala zer enfokatu eta noiz egin klik, baina argazki horri ez diodala ez ezer kendu, ez ezer erantsi. Gauza bat da nire begien aurrean gertatu dena eta nik helarazi nahi dudan mezua bestea. Zintzotasun osoz egiten dut lan, zintzotasun osoz heldu nahi dut jendearengana, eta argazkilaritza objektiboa ez dela jakin arren, erabateko zintzotasun horri esker ematen dio jendeak sinesgarritasuna nire lanari. Arraroa da, argazkiak baino manipulazio gehiago onartzen ditu testuak baina albisteek kutsu objektiboa mantentzen dute oraindik. Argazkilariok, aldiz, etengabe borrokatu behar dugu gure sinesgarritasunaren alde, eta hori argazkilaritza subjektiboa eta gure zintzotasuna aldarrikatuta egiten da. Argazki bat zuri-beltzean atera badut esan nahi dudana indartzen duen estetika bat delako da, ez mundua zuri-beltzean ikusten dudalako. Zer da argazki on bat? Argazki on bat begietatik sartu eta buruan iltzatzen den irudi bat da. Gure burmuinak ez ditu bideo sekuentziak gogoratzen, irudi kateak dira tatuatuta geratzen zaizkigunak. Robert Capa-ren milizianoaren argazkia aipatzen badizut berehala etortzen zaizu irudia gogora. Gure baitan oihartzuna duten irudiak oroitzen ditugu, gugan zerbait pizten duten txinparta bat daukatenak. Horregatik da sentimendua komunikatzeko bidea. Argazki bat ateratzen dudanero, ikusten dudanarekin zein argazki hori ikusiko dutenekin enpatizatu behar dut. Ezin dut ahaztu gure jendartean irudiarekiko dugun jokaera. Inoiz hegazkin bat ikusi ez duen Amazoniako tribu bati hegazkin baten argazkia erakusten badiot ez du zuk bezala erreakzionatuko. Ez da gauza bera hilotz baten argazkia haur bati edo heldu bati erakustea. Argazkietan kamera hau eskuetan agertzeak ez dauka esan-nahi bera argazki munduko batentzat edo publiko orokorrarentzat. Kodearen jabe izan behar naiz, ezin dut kultura hori erantzi. Horregatik, ez duzu inoiz argazki on bat jendarte osoarentzat egiten, jendartearen zati batentzat baizik, zu parte zaren jendartearentzat.   Hilotzak aurrean, odol usaina bazterretan, tiro-hotsak non-nahi... Halakoetan ez al da enpatia baino gehiago behar argazkiak ateratzeko? Ni ez noa frontera zaurituak artatu edo tiroketa bat badago ospa egiteko. Nire lanak ez luke ezertarako balioko. Senari kontra egitea dagokit, burua hotz mantendu eta nire begi-bistan gertatzen ari dena islatzea. "Zertara etorri naiz hona?" bezalako gogoetak aurrez egin behar dira. Badakit gure jendartean hilotzak makilatuta eta hil-kutxetan agertzen direla. Badakit lurrean sakabanatutako gorpu zikinek krak egingo dutela gugan, eta zergatik ukatu, talka horren bila nabil. Enpatiaz mintzo naizenean, garbi dago ezin dudala hilotz batekin enpatizatu, baina bai argazkia ikusiko duenarekin. Enpatiatik iristen da gogoetara. Horregatik erabiltzen dut zuri-beltza odola dagoenetan ere. Ez dut odolaren gorria ikusterik nahi. Nahiago dut koloreak dakarren informazio sorta kendu eta momentuko espresioa azpimarratu. Zure begiek odola gorri ikusten dute, ordea. Nola kudeatzen da hori? Momentuz ondo daramat. Hona itzultzean pribilegiatua sentitzen naiz. Ederra da etxetik tabernara atzera begiratu gabe etorri ahal izatea. Familia eta lagunen babes handia dut, gainera. Hori bai, ez diet zer pairatu eta zer bizi izan dudan esaten, alde umoretsua soilik kontatzen diet. Ezkutu bat da hori niretzat. Beldur naiz, ordea, ofizioan jarraituz gero, esperientziak nire baitan berun zatiak bezala gordeko ote ditudan. Beruna oso material pisutsua da, gure gorputzak arnasten du baina ez da kanporatzeko gai. Hala, pixkanaka, hortzak erortzen zaizkizu, giltzurrunetatik eta gibeletik berun hori kanporatu ezin duzun unea iristen da eta... hil egiten zara. Lankideek frontean bizi izandakoa beruna dela esaten didate, hastapenean ez zaituela kaltetzen, baina kanporatu ezina datorkizunean pott egiten duzula. Oraingoz, nire amesgaiztoak izaten ditut, izerdi hotzez blai esnatu izan naiz, baina berehala pasatzen zait. Hala ere, argazkia ateratzen dudan unean hustu arte negar egiteko eskatzen dit gorputzak. Zotinka hasi arte isurtzen ditut malkoak. Hori da beruna kanporatzeko nire arma. Horri esker, hona iritsi eta barre baizik ez dut egiten.   Argazki on bat ateratzeko edozertarako prest zaude? Denak ez du balio. Argazki bat egiteagatik hilko nautela jakingo banu ez nuke aterako. Heriotzari beldurra diot, sufrimenduari izua. Argazki batek ez du nire bizia edo nire sufrimendua balio. Hori jakinda jarraitzen dut egiten dudana egiten. Saharan, manifestazio batean argazkiak ateratzen ari nintzela, nire aurrean zihoan 18 urteko gazte bati mina bat lehertu zitzaiolako hasi nintzen lan honetan. Haragi sarraski bat zen hanka hura. Laguntzera hurbildu nintzaion, ateratako argazkiak Gara -n zein Paris Match -en argitaratu ziren eta Danimarkako GKE batek ikusi zituen. Argitalpen horietako sosekin Danimarkarako txartela ordaindu nion gazteari bertan sendatu zezaten, eta gaur da eguna Dajlako kanpamentuan oinez dabilena. Sinetsi egin nuen argazkiei esker zerbait lortu nezakeela. Ordutik hona, ordea, ez dut beste ezer lortu, baina ez dut esperantza galtzen. Badakit nire argazki batek ez duela gerrarik etengo, baina pertsona bakar baten sufrimendua arintzeko balio badu, ni prest. Horregatik ere saiatzen naiz ahalik eta zintzoen informatzen. Ez naiz gerratik bizi, ez naiz parakaidista. Ez zara gerratik bizi, ez zara parakaidista, baina gerran bahitu zintuzten. Hasieran ez genekien zeintzuk ziren. Zuk dakizuna da bahituta zaudela eta horrelako tokietan bahiketak luze jotzeaz gain gehienetan ez direla ondo bukatzen. Nortzuk diren eta zer nahi duten jakiten duzunean larritu egiten zara, dena bukatu dela pasatzen zaizu burutik, arrisku bat ez duzula behar bezala baloratu, aurreregi joan zarela. Zorionez, ordea, azkar eta ondo bukatu zen gurea. 12 ordu izan ziren. Dena den, ez zait horri buruz hitz egitea gustatzen. Nire guraso eta ingurukoei ez diet alde krudel eta estresantea kontatu. Anekdota dibertigarriak baino ez: txizagurea genuenean egiten genuena, estropezu egin nuenekoa, ondokoaren zurrunkak... Gainontzekoa ez dut kontatu nahi, ez luke ezer ekarriko. Bahiketak inguruan neukan lasto pila kendu eta aurrean nituen benetako loreak ikusten lagundu dit. Frontera itzultzeko esperientzia eman dit, argazki batek ez duela nire bizia, askatasuna edo osasuna merezi oroitarazi. Orain eskuineko begiarekin enfokatzen dut baina ez dut ezkerrekoa ixten. Ni naiz argazki batzuk ikustean begi biak ixten dituena. Non dago pornografiaren muga? Hilotzez, tripez eta odolez jositako argazkiak ateratzen ditut, bertan nagoelako, eta batez ere, zentsura gero datorrelako. Haur bat tripak airean agertzeak zer ekartzen dio nire lanari? Ezer ez, morbo hutsa da, indarkeria pornografikoa, eta argazkien zilegitasunaz galdetzera narama. Alepon atera ditudan argazkietan hilotz gutxi ageri direla esaten dit jendeak. Frankotiratzaileen etorbidean hilotz ustelduak klikatu ditudala erantzuten diet nik. Hor testuinguru bat dago, ordea: morteroek zibilak ere hiltzen dituzte eta hilotzak ezin erretiratuta dabiltza. Zenbat aldiz ikusi ditugu Gaza-ko umeak bururik gabe, hilotz? Nire ustez hor ez dago ekarpenik, biolentzia hutsa da, ez nik adierazi nahi dudana. Libian ateratako argazki batzuk hain dira gogorrak ez dizkiedala inori erakutsi. Errealitatea ezkutatzea leporatzen didate, baina nik ez dut errealitatearen zati hori agertu nahi. Gerran bonbak lehertu eta sarraski humanoak gertatzen direla suposatzen da, ez dago esplikatu beharrik. Anabasa da gerra, bortizkeria anabasa. Bertan egonda ere, oso zaila da jendearen goxotasunetik krudelkeriarainoko eraldaketa ulertzea. Horregatik diot gatazka guztiak ez direla gerrate, baina gerrate guztiak direla gatazka. Noiz hasten da gerra? Noiz bukatzen? Jugoslaviako gerra bukatu da? Hemen oraindik gerra zibileko kontuez ari gara hizketan. Nik ez dakit nire osaba bat non dagoen. Zer da hori gerrate baten ondoriozko gatazka ez bada? Gatazka batzuk besteak baino agerikoagoak dira, alta. Nork erabakitzen du zer den albiste? Medio handiek. Ez dut uste Amerikako Estatu Batuek edo Europar Batasunak zuzenean medioetara gai-ordena bidaltzen dutenik, baina gure ongizatea eta eguneroko erosoa kolpatzen duten gertaerak dira albiste. Estatu Batuak Iraken zeudenean egunero hitz egiten zen horri buruz. Joan zirenean, hildako kopurua bikoiztu egin zen, baina albistegietan arrastorik ez. Oraintsu arte Sirian baino hildako gehiago zegoen Iraken, baina Siria zen notizia. Zergatik Siria? Gune estrategikoa delako, goxoki handi bat gure agintarientzat. Orain Siria entzun eta errefuxiatuak etortzen zaizkigu gogora, baina noiz hasi gara errefuxiatuez hitz egiten? Greziara iritsi direnean, gure ongizatea eta erosotasuna kolokan sentitu ditugunean. Nork daki orain Europara baino askoz errefuxiatu gehiago iristen dela urtero Hegoafrikara edo Boli Kostara?   … Negozio bat da dena. Agentzia batek ez du sekula Boli Kostara inor bidaliko. Badaki "hori guri bost!" erantzungo diotela medioek. Egongo da kazetari bat hori guztia jasotzen ari dena, baina oso esparru mugatua izango du, ekonomikoki sekulako zailtasunak... Ekonomiari erreparatzea eta ardi izatea bereizi behar ditugu, ordea. Ardi izateari uzteko garaia da. Jakina Europara ihesi datozen errefuxiatuen istorioa kontatu behar dugula, baina nork daki ezer Mozambikeko ikatzaren exilioaz? Ikatza ateratzeko estatu oso bat ari dira mugitzen, jendea zabortegietara kondenatzen dute, baina guk ikatza nahi dugunez ez da inon horren berri ageri. Ni kuriositateak mugitzen nau. Medio batek gutxieneko soldata ziurtatuko balit ezkontzak eta abarrak utzi eta hegan joango nintzateke ezkutuko istorio horiek jorratzera. Baina ez da posible, ez dut horretarako prest dagoen mediorik ezagutzen. Hala ere, ez nuke agentziekin orain arte bezala kolaboratu nahi. Badakit horrek ate asko itxiko dizkidala, The New York Times -eko azalak bukatu direla, baina lan hau bokaziotzat dugunontzat ez da zereginik falta.
news
argia-4500cec206a0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/seigarren-urteko-talaiatik.html
Seigarren urteko talaiatik...
Edu Zelaieta Anta
2015-10-04 00:00:00
Seigarren urteko talaiatik... Ari naiz: sei urte daramatzat eskolak ematen unibertsitateko Lehen Mailako lehen lauhilekoan, karreraren hasi-hasieran, Haur Hezkuntzako Graduan Gasteizko Irakasle Eskolan. Oso une berezia da bigarren hezkuntzatik datozen ikasleentzat, hau da, haietako gehienentzat, unibertsitatean sartzeak, era globalean adierazteko, aldaketa kultural handia baitakar. Hori dela-eta, ikasleak esparru berrira hobeki egokitzeko laguntza espezifikoa ematen saiatzen gara, haien iguripenak arakatuz bidenabar. Talaia polita da ikusteko gazteak, urduritasunak urduritasun, ilusioz beteak etortzen direla urtero Hegoaldeko lau herrialdeetatik. Nolanahi ere, beste paisaia batzuk ere ikusteko balio du talaia honek. Esaterako, ahozko euskara batuak ez duela ospe onik ikasle euskalkidunen artean: herriko hizkera alboratu gabe, graduan zehar ahoz eta estandarrean ere gaitasuna agertu beharko dutela iragartzean, batuaren pedagogia egin beharra suertatu izan zait azken sei urteotan. Hauxe da galdera talaiatik, lagunok: zergatik ekartzen dute gazteek ahozko batuaren kontrako jarrera?
news
argia-78a9f703289e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2477/arrastoak.html
Antzinako Erromako planoa alda dezakeen etxea
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-10-04 00:00:00
Antzinako Erromako planoa alda dezakeen etxea Erromako zazpi muinoetako batean, Kirinalen, duela 2.600 urteko etxe baten arrastoak aurkitu dituzte, eta etxe horrek orain arte Erromaren egituraz eta hirigintza garapenaz uste zena alda dezake. Aurkikuntzaren garrantzia bi arrazoietan datza, indusketa lanez arduratzen ari den Erromako Kultura Ondasunetarako Superintendentziaren arabera. Batetik, arrastoak oso egoera onean daude; Errepublikaren aurreko garaiko aztarnak nahiko urriak dira Erroman, eta, horregatik, "balio handia dute, egoera honetan aro arkaikoko aztarnak Erromako erdigunean aurkitzen ditugun lehen aldia delako". Bestetik, orain arte eremu hori hilobietarako besterik erabiltzen ez zela uste zuten, eta orain badakite bertan jendea bizi zela. "Erromak K.a. VI. eta V. mendeetan izan zuen  bilakaera berrikustera behartzen gaitu etxeak".
news
argia-dca00770e42a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2422/smartphonekiko-mendetasuna-psikiatren-pagotxa-asian.html
Smartphonekiko mendetasuna, psikiatren pagotxa Asian
Joxerra Aizpurua
2014-07-06 00:00:00
Smartphonekiko mendetasuna, psikiatren pagotxa Asian Smartphonen erabilera arazo psikiatriko bilakatzeko bidean da Asiako estatu askotan. Hego Korean, Singapurren, Taiwanen eta Txinan gailu horien gehiegizko erabileragatiko kezka zabaldu da. Singapurren bizi diren 5,5 milioi pertsonen %87k smartphonak ditu, AEBetan %65ek baino ez, eta Facebookera konektatzen diren bakoitzean 38 minututik gora pasatzen dute bertan, estatubatuarrek halako bi. Telefono horiek eta, oro har, interneteko zerbitzuek sortzen dituzten mendetasunak ez daude medikuntza liburuetan jasota, eta horrek segurtasun eza handia sortzen du psikiatrek diagnosia egiteko garaian. Kalkulatu da hainbat estatutan populazioaren %5ek baino gehiagok izan dezakeela mota horretako arazoren bat. Portzentajeak, gainera, gora egingo duela aurreikusi denez, prebentzio bideak jorratzen hasiak dira.
news
argia-2ceaebe8c36a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2422/abioiak-bizileku-aproposak-bakterioentzat.html
Abioiak, bizileku aproposak bakterioentzat
Joxerra Aizpurua
2014-07-06 00:00:00
Abioiak, bizileku aproposak bakterioentzat Auburneko unibertsitate estatubatuarreko biologo talde baten arabera, bakterio batzuek gaitasuna dute hainbat egun bizirauteko abioietako leihatiletako beso-euskarrietan, plastikozko mahaietan eta bidaiariek erabili ohi dituzten zenbait objektutan. Bakterio horietako bat Staphylococcus aureus da, zenbait kasutan azaleko infekzio hilgarria sor dezakeena. Halaber, digestio aparatuan arazo larriak sortzen dituen Escherichia coli ezaguna usu aurkitzen da hegazkinetan. Aipatu bakterioen erresistentzia neurtzeko, abioietan erabiltzen diren hainbat tresna hegalaldiko baldintzetan mantendu dira, hau da, 24 graduko tenperaturan eta %18ko hezetasunean. Ikerlariek behatu dutenez, Escherichia coli -k lau egun iraun du beso-euskarrietan, eta hiru egun jateko plateretan. Staphylococcus aureus , berriz, gai izan da astebete bizirauteko eserlekuak estaltzeko erabiltzen diren oihaletan. Azterketaren emaitzak ikusita, AEBetako abiazio konpainietako arduradunek abioien desinfekzioari buruzko hainbat aholku jaso dituzte.
news
argia-f0e544eaaba0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/greyren-50-itzalak-eta-feminismo-ortodoxoa.html
Greyren 50 itzalak eta feminismo ortodoxoa
June Fern�ndez
2015-03-15 00:00:00
Greyren 50 itzalak eta feminismo ortodoxoa Facebooken bidez mezu hau hedatu da: "' Greyren 50 itzalak gustuko dut... '. Feminista batek ez luke hori sekula esango". Amorratu ninduen. Posible da feminista izatea eta Greyren 50 itzalak trilogiarekin gozatzea? Nik ez ditut liburuak irakurri, ezta pelikula ikusi ere, baina erantzuna argi daukat: bai borobila. Irakurri dudanaren arabera, rol sexistetan oinarrituta dago istorioa. BDSMa ( bondage , lotzeko artea, nagusitasun eta mendekotasun jolasak eta sadomasokismoa) ez da berez sexista, arazoa da jolas erotikoen rolen eta eguneroko bizitzaren arteko jarraitasuna. Anastasia eta Greyren harremana zeharo desorekatuta dago: gizona nagusiagoa da, sexualitatean eskarmentu handikoa, botere ekonomikoduna; neska, ikaslea, birjina, txolina. Hortaz, Greyren paper dominantea ohetik haratago doa. Feminista izateak berdintasun falta hori identifikatzea bermatzen du eta horrelako harremana eredugarria ez dela pentsatzea. Horregatik da hain garrantzitsua arrakasta duten kultura produktuen analisi feministak hedatzea. Ianire Estébanezek bikain egin zuen bere garaian Stephenie Meyerren Twilight nobela sorta egokitu zuten pelikulekin. Neska gazteek pelikula horiek ez ditzaten ikusi saiatu baino, lagun dezagun euren kritika gaitasuna garatzen. Hala, Twilight edo Greyren 50 itzalak ikusterakoan, ez dira Anastasia eta Bella-rekin identifikatuko; ez dute Grey edo Edward euren printze urdin bihurtuko; ez dute pentsatuko emakume izateagatik mendekotasun rola bete behar dutela eta gizonen fantasiak asetzea ez da izango euren xede erotiko nagusia. Arrakasta duten pelikula, telesail, liburu eta kantak aztertzea berdintasunaren aldeko sentikortzerako ariketa bikaina da, maitasun harreman toxikoei edota indarkeria sinbolikoari buruz hitz egiteko era eraginkorra. Ez dut elitismo intelektuala gustuko. Jende gehienak best-sellerak eta zabor-telebista erabiltzen ditu garunari deskantsua emateko. Telesail tuntunak ikusten baditut, tuntuna naizela dioen epaia harroputza iruditzen zait. Gran Hermano VIP eta ¿Quién quiere casarse con mi hijo? bezalako saioek audientzia handia daukate, baita Hego Euskal Herrian ere. "Horren ordez dokumentalak ikusi itzazu" esan baino, eraginkorragoa litzateke saio horien kaltea ulertzeko gakoak ematea, eta beste arrakasta ereduak ere hedatzea, gazteen bizi helburua Mujeres, hombres y viceversako "tronista" bilakatzea izan ez dadin. Bestalde, ortodoxia intelektual horren exijentziaren harira, nik kontraesanak aldarrikatzen ditut. Nire Twitter profilean, Emma Goldmani jarraituz, esaten dut: "Ezin badut perreoan egin, hau ez da nire iraultza". Zaletasunak anitzak eta konplexuak dira. Egia da: reggaetoia dantzatzea gustuko dut, baita batxata, hip-hopa eta arin-arina ere. Horrek ez nau feminista edo musikazale kaxkarra bihurtzen. Reggaetoiaren erritmoa gustuko dut eta dantzatzeko era lotsagabe horrek euskaldunok gorputzarekin (gurea eta besteena) dugun harremana erlaxatzeko aparta dela uste dut. Feminista naizen neurrian, letra asko iraingarriak direla ohartzen naiz. Irtenbidea? Letra ez sexistak dituzten kantak aukeratu (egon badaude) edo kanta horiei iseka egin. Eta burbuila ortodoxo batean bizi baino, pentsa dezagun Greyren 50 itzalak filmak zergatik sortu duen horrenbeste ikusmin. Esaterako, aprobetxatu dezagun BDSM feministak edota emakumeek sortutako pornografia ez sexista ezagutzera emateko. Ez dezagun feminismoa aparteko kluba bihurtu; gizartean errotutako mugimendu erakargarri bezala sendotu dezagun.
news
argia-aba590a7e9cb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/rosetta-harriaren-ahizpa-aurkitu-dute.html
Rosetta harriaren "ahizpa" aurkitu dute
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-03-15 00:00:00
Rosetta harriaren "ahizpa" aurkitu dute Tabuziris Magna aztarnategi arkeologikoan, Alexandriaren  hego-mendebaldean (Egipto), Dominikar Errepublikako arkeologo talde batek idazkunak dituen harlauza topatu du. Mamdouh Al Damati Egiptoko Antzinate ministroak adierazi duenez, aurkitutako piezak 2.200 urte inguru ditu, eta beraz, Rosetta harriaren garai berekoa da, Ptolomeo V.aren erregealdi ingurukoa (k.a. 204-180). Rosettarekin duen antzekotasun nagusia da hieroglifikoez gain bestelako alfabetoetan idatzitako testuak jasotzen dituela. Kasu honetan, alfabeto demotikoan, herritar xeheek erabiltzen zuten idazkeran idatzitako bost lerrotan jasotzen da hieroglifikoen edukiaren itzulpena. Edo hori uste dute adituek, testuak ez baitituzte oraindik erabat dezifratu. Harria metro pasatxo luze eta 65 zentimetro zabal da, eta Rosettarekin duen alde nagusia da harlauza berriak ez duela grezierazko itzulpenik. Gainera, Rosetta askoz lehenago aurkitu zuten, eta funtsezkoa izan zen idazketa hieroglifikoa dezifratzeko. Ikusteko dago testu berriak zenbaterainoko ekarpena egingo duen zentzu horretan.
news
argia-4226078cce6e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/itzalaldi-analogikoak-kutsadura-larria-eragin-dezake-mexikon.html
Itzalaldi analogikoak kutsadura larria eragin dezake Mexikon
Joxerra Aizpurua
2015-03-15 00:00:00
Itzalaldi analogikoak kutsadura larria eragin dezake Mexikon 2015eko abenduaren 31n telebista seinalea aldatuko da Mexikon, egungo seinale analogikoa digital bihurtuko baita. Aldaketa horrekin batera, Mexikoko Gobernuak telebista digital bana jarriko du hamalau milioi etxebizitzatan. Ekimen interesgarri horrek ifrentzua du, ordea: zer egingo dute ordezkatuko diren hamalau milioi telebista analogikoekin? Gobernuak ez du telebista zahar horiek birziklatzeko inolako asmorik agertu. Gero eta talde gehiagok azaldu dute kezka, batez ere telebistetan oso ohikoa den berun oxidoa dela eta; konposatu horrek kutsadura larria eragin dezake lurpeko ur geruzetan.
news
argia-10e197d981b3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/datuak-eta-pertsonak-mintzo.html
Datuak eta pertsonak mintzo
Edu Zelaieta Anta
2015-03-15 00:00:00
Datuak eta pertsonak mintzo Datua mintzo: Europan baino %40 gutxiago inbertitzen du unibertsitatean Jaurlaritzak. Zenbakia Jaurlaritzak berak emana da, 2011-2014ko unibertsitate planaren gaineko ebaluazioan. Datua mintzo berriz: Barne Produktu Gordinaren %0,84ko diru-inbertsioa egiten ari da egun Lakua. Alabaina, 2008an, %0,97 bideratzen zen unibertsitateetara; hau da, Deustuko Unibertsitatera, Mondragon Unibertsitatera eta, bereziki, publikoa den Euskal Herriko Unibertsitatera. Aurrera begirako egitasmoa mintzo: Cristina Uriarte sailburuak adierazi du, plan berriaren aurkezpenean, hobe dela helburu handiegirik ez finkatzea: 2018rako %1 inbertitzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Helburuak betetzera –ikusi egin behar–, 0,03ko aldea litzateke hamar urteren buruan. EHUko irakasle ugari mintzo: Bolognak ekarritako aldaketak, berrikuntza horrek irakasleekiko zituen egokitzapen-eskakizun handiak tarteko, unibertsitate publikoaren diru-iturri nagusia urritzen ari zela egin (nahi izan) dira. "Lan gehiago eskatu digute baliabide gutxiagorekin". Datuak eta pertsonak mintzo.
news
argia-c586e770cdfb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/gontzal-mendibil.html
"1976an errazagoa zen Espainian euskaraz abestea gaur egun baino"
Myriam Garzia
2015-03-15 00:00:00
"1976an errazagoa zen Espainian euskaraz abestea gaur egun baino" Solaskide ona da Gontzal Mendibil (Zeanuri, 1956), ia galderarik behar ez duen horietakoa. Kantagintzan emandako azken 40 urteek kulturgintzaren ikuspuntu zehatza eman diote. Proiektu ugaritan murgilduta dabil, Nire Bihotzak zure begiak ditu (Elkar), disko berriaren zuzenekoak tarteko. 40 urte kantuan. Bada kulturgintzari buruzko ikuspegi bat egiteko adina denbora. 1974an igo nintzen oholtzara lehen aldiz, eta handik gutxira, 1975ean, oraindik Franco bizirik zela, Madrilen egin genuen lehen diskoa. 1976an errazagoa zen Espainian euskaraz abestea gaur egun baino. Egun, zenbait espazio alternatibotan jo dezakezu baina, lehen bazegoen herrien arteko elkartasuna eta, euskaldunak aitzindariak ginen erresistentzia horretan askorentzat. Oso gaztetan hasi nintzen kantatzen, mutil koskorra nintzela. Zeanurin, oso herri euskaldunean hazi nintzen, Gorbeia parez pare. Belarri onekoa izan naizenez, bost sei urterekin herriko abesbatzan sartu ninduten eta hamabi urterekin amamak erregalatu zidan gitarra. Nire erreferenteak Ez dok Amairuko kantariak ziren: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete... Beraien ondorengoa naiz ni. Benito bera, edota Estitxu, Natxo de Felipe, euskal kantari asko lehiaketetan hasi ginen. Gogoan dut Abra Saria, adibidez, orduko "Operacion Triunfo euskalduna" [barre egin du]. 1973an irabazi nuen. Ez dok Amairu mugimenduko kantari gehienak gipuzkoarrak ziren eta guk nahi genuen Bizkaian ere antzeko mugimendu bat sortzea. Lupe, Xeberri, Oihartzunak taldea, Miren Aranburu... batzuk elkartu ginen, baina politika kontuak zirela-eta zapuztu zen dena. Xeberrirekin egindako Zaurietatik dario (1975) diskoaren garaiak ziren hoiek. Ordukoak dira Kapitalismoak edota Bittor Kapanagak idatzi eta zuk musikatutako Bagare . Xeberri bera orduan ezagutu nuen. Disko hori arrakastatsua izan zen oso, hainbat kantaldi egin genuen. Baina urte eta erdi baino ez ginen egon elkarrekin, 1976ko urrira arte. Gero beste formula batzuk etorri ziren, RRV mugimendua eta abar, eta kantautoreen mugimendua apur bat moteldu zen. Baina, kontua ez da modarekin joatea, niri uniformetasuna ez zait batere gustatzen. Bakoitzak bere estiloa dauka, bai musikari dagokionez, baita literaturan ere, begira zenbat idazle on ditugun Euskal Herrian. Artearen zentzuari buruz hitz eginez gero, eta horretaz gure Laboak asko zekien, gauza bat da ulermena eta bestea sentipena. Eta uste dut gu, euskaldunok, sentipenetatik mugitzen garela gehiago. Antzerki musikatu arrakastatsuak ere egin dituzu, tamaina handiko ikuskizunak: Iparragirre, Olentzaro, Aita Arrupe ... Zaila da halako proiektuak aurrera ateratzea? Beste formula bat da, tamaina handiko proiektu musikalak, orkestra, abesbatza, hainbat antzezlek eta abeslarik parte hartzen dute. Gaur egun, krisia dela-eta, halako proiektu handiak aurrera ateratzea zaila da baina, hala ere, egin beharrekoak dira. Iparragirreren musikalak 30.000 ikusle inguru izan zituen, euskal hiriburuetako zezen plazetan eta areto handietan egin baikenuen. Loturarik ba al dago kulturaren eta politikaren artean? Iraganean bezala, aldarrikapenak badu lekurik egungo musikan? Ez dut ikusten kultura folklore hutsa denik, kultura hori baino gehiago dela uste dut. Hitzari bere garrantzia eman behar zaio, eta ez bakarrik nola esan baizik eta zer esan, mezua garrantzitsua da. Autokritika egitekotan, askotan iruditzen zait, gaurko idazleek hizkuntza ondo erabiltzen dutela, baina gehiago dabiltzala euskararen loretan, nola esan garrantzitsuagoa omen da zer esan baino. Joseba Sarrionandiak idatzi dit azken diskoko abesti bat eta bigarren baten itzulpena egin. Badu ahalmen hori, oso ondo adierazten du, eta hala ere, mezurik badu. Niri horrelako olerkariak gustatzen zaizkit, zerbait sakona adierazten dutenak. Hitzak darabiltzagunok badugu sakontzeko aukera hori. Poema bat esku artera datorkidanean, beti ikusten dut ea musikarik duen barruan; eta ona bada, izaten du musikalitate hori. Bide berean doaz hitza eta musika. Nire kasuan, normalean, lehenengo hitza eta gero musika egiten dut, hitzak emandako doinuan egiten dut abestia. Bizkaieraz abestu izan duzu, baita nobela bat idatzi ere. Ez da oso gauza ohikoa. Ez al da gure euskalkia besteak bezain baliogarria gauzak adierazteko orduan? Gainera, Arratiako hizkeraz idatzi nuen Gorbeiako haizea nobela. Duela hamar urte hil zitzaidan aita eta, nire hizkeran berari esan nahi nizkionak idatzi nituen, herriko istorioak, pentsaera eta bizimoduak. Eta egin nuen bizkaieraz, nire herriko hizkeran, nire aitari egiten nion bezala. Bizkaiera ere badoa gorpuzten, zeren eta guk, bizkaitarrok, izan dugu garai batean konplexu dezente, gure euskara txarragoa ote zen, Euskara Batuak bizkaiera ahaztu zuen eta. Eta Bizkaiko euskara zaharrenetakoa da. Gorbeiako kantak: Nire Txiki Polita diskoan ere jaso nituen Arratia aldeko zenbait kanta. Ondare hori jasotzea eta gaurkotzea garrantzitsua da? Batez ere, gaurkotzea. Disko adierazgarria izan zen, banuen horri heltzeko gogoa. Aurrera begira, egingo nuke beste bat antzekoa, kanta piloa baitago jasotzeko modukoa. Baina gaur egun kanta oso bat entzuteko denborarik ez da. Gure garaian, arratsalde osoa ematen genuen diskoak entzuten! Sakontasuna falta da, telebista ikustea besterik ez dago. "Guk pentsatuko dugu zuen ordez" esaten dute. Baina zerbait berria etorriko denaren itxaropena daukat. Egungo euskal musikan talde asko dago, baina nik eskatuko nieke gauzak egiteko sakontasunarekin. Arinkerietan bizi gara. "Bizitza laburra da eta goazen bizitzera", diote batzuek. Baina bizitzea zer da ba? Hori baino ez bada, aspergarria da. Badirudi gure kultura gastronomia eta bidaiak baino ez direla. Gure agintariek, gure kultura bultzatzen egon beharko luketenek, ez dute ez ideiarik ezta interesik ere euskara eta euskal kulturarekin. Eta hori esan beharra dago. Musika programatzen ari diren asko eta asko erdalkeria hutsean bizi dira. Aginte handikoak barne. Bertakoa ez badugu babesten eta aupada ematen, ez goaz ondo. Eta, ez badute bizi, nola aupatu? Nola aurrera aterako dugu gure kultura beharrizanik ez bada? Xabier Amurizak esaten zuena, militantziak ezin du kultura bat gorde baina militantzia urritu denean, beharrizana sortu beharra dago. Betiko borrokan gaude oraindik. Geurea babesten ahalegindu beharko ginateke. Frantziak, Brasilek eta Kanadak kuotak dituzte, eta euren aurrekontuetako ehuneko handi bat zuzentzen dute bertako kultura babestera. Gurea urrituz doa, ez ordea erdal musikarena, adibidez. Eta ez bakarrik gazteak, helduak ere erdal musika entzuten eta erdal kulturan murgiltzen dira batik bat, gure musikaz paso egiten dute. Gazte batek, gauzak horrela ikusita, espainolez edota ingelesez abestuko du, nahiz eta euskalduna izan. Eta gure kultura utziko du. Niri pena ematen dit horrek, hori baita gure geroa, gure ondorengoak gutxi ikusten ditut. Errealitatea da hori. Kantautore bezala definitzen duzu zure burua baina eszenatokian lehen mailako hainbat musikarik laguntzen dizute, zure azken diskoa Nire bihotzak zure begiak ditu da horren lekuko. Hamalaugarren diskoa duzu. Beno, kantautore… Ni naiz kanten egilea, besterik gabe, baina musikari onak ditut lagun. Gustura geratu naiz diskoarekin. Neure-neurea da. Sarriren abesti bateko hitzak izan ezik, nik konposatu eta idatzi ditut abestiok. Normalean, lau urtetik behin ateratzen ditut diskoak. Gure herria txikia da eta ez dut erre nahi ikusleria. Egun eta gau ematen dut lan honetan, proiektu txiki eta handiagoetan. Beste musikal bat egiteko gogoa daukat, baita zerbait biluzia egiteko gogoa ere, nik bakarrik gitarrarekin, bakarlari gisa. Orain formatu txikiko ikuskizunak daude bogan, eta Larrabetzun eta Arrigorriagan aritu naiz bakarkako kantaldiak egiten. Garaietara ere egokitu beharra dago…
news
argia-683f107126bf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/bortxaren-kontakizunetik-kontakizunaren-bortxara.html
Irakurtzera bortxatuak
ARGIA
2015-03-15 00:00:00
Irakurtzera bortxatuak EGILEA ::Joxe Manuel Odriozola Txalaparta, 2014 Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara , horra hor, Altzoko saiogile euskaltzale erraldoiaren azken emaria. Irakurketa pausatua eskatzen duen liburu gotorra. Amaitu osteko nire lehen burutapena: irakurtzera bortxatuak zaude, hots, garena ulertzera iristeko baitezpadako entsegua duzu. "Hiru bortxa mota daude", irakurri diogu Johan Galtungi liburuak dituen aipu ugarien artean. "Lehena, oinarrian, bortxa kultural iraunkorra da, gainerako bien zurigarria. Bigarrena, prozesu gisa eratutako bortxa estrukturala litzateke: modu legal, anonimo eta inplizituan egituratua. Hirugarrena, gertaera moduan islatzen den bortxa zuzena, ikusgarria eta asaldagarria". Liburuaren ezaugarri behinena, biolentziari buruzko gogoeta sakona egin duten pertsonen aburuetan oinarritua egotea da, bai pentsalarien bai  zuzenki nozitu dutenen iritzietan. Gaiaz juzku arinak egiten dira: indarkeria aipatzen delarik, modu arin batez aipatu ohi da, hots, "datorrenetik datorrela" beti berdina dela erran ohi da. Erran nahi baita, indarkeriari buruzko juzku arinak egitera bortxatzen gaitu, nork eta indarkeria estrukturala darabilenak. Bortxa eta bakea: mundua, mundua denez gero, abere arrazionalok indarrez ezarri dugu bakea, baita aro modernoko "demokrazia zerutiarra" ere. Baita biolentzia jasaten dugun lurtarrok "onartu" ere. Bortxa estrukturalean oinarritutako bakea. Bortxa estrukturala eta ETAren bortxa: lehena politikoa bada, bigarrena ere bai. Kontua da, estrukturala bakealdian ezarria deino, bakealdian kontrakarreko indarkeria bere oinarri ideologiko politikoari uko egitera bortxatu nahi dutela, nork eta indarkeriaren monopolioa dutenek. Estatuek. Estatua eta boterea: egungo demokraziaren oinarria bortxa bada, bortxa bada boterearen izaera, nola eraiki estatua gure izateari uko egin gabe? Eztabaidarako hamaika hari txirikordatu ditu Joxe Manuel Odriozolak. "Estatua izan edo estatua eraiki". Horra hor, hainbat pentsalarien arteko dilema edota debatea. Estatua problema ote? Menperatzailearentzat ez. Menperatuarentzat? Demokrazia euskalduna, etika eta morala: giza historia, aro modernoa barne, indarkerian oinarritua izaki, posible ote da bortxa "gaiztoa" eta "ona" legez bereizterik? Zer pisu du gugan, gizakiongan eta euskaldunongan erlijioak? Demokrazia ote mendebaldarron erlijio berria? Kontakizunaren bortxara: auzi politikoa ote da euskaldunona? Ala politikak –demokraziak edo demokrazia ezinak– harrapatu digun arazo kulturala? Arazo kultural gaindiezina, akaso? Premisa bat: "Euskal Herrian nozitu behar izan dugun bortxa giro latza ez dadila berriz inoiz gertatu". Nola ez erori bortxaren monopolioa darabilenaren moldeetan? Historia ez zen hasi baina, aro modernoan: hau da, estatu modernoen aitzinetik baziren estatuak, hor nonbait. Nafarroakoa kasu, horixe euskaldunona. Konkista, okupazioa eta asimilazioa. Izan garelako gara? Zer izan ginen baina? Euskal estatuak euskalduntasuna bermatu al zuen? Edota bermatuko al du? Hots, estatua lanabes edo helburu ote? Historia eta memoria gure izatearen konstruktuak dira, konstruktuak dira ere nortasuna, inteligentzia eta sorkuntza. Estatua, pertsona, soziologia, psikologia: Joxe Manuel Odriozolak Max Weber bidaide izateaz beste –pertsona estatuaren eta jendartearen baitan–, Sigmund Freud ere bidelagun dauka. Hots, kontzientzia eta inkontzientzia, biak daude gure izatearen oinarrian. Ez dira azpimarratzeko pentsalari bakarrak. Etxekoak eta euskaraz pentsatzen dutenen aburuak baitezpadakoak dituzu liburuon. Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara saio ausarta da. Suaz aritzen denak ausart izan behar baitu, ausaz. Antidoto hagitz ona duzu indarkeria ulertzeko. Areago, arrazoia eta hunkiberatasuna gizakiaren izaera bortxatzailearen elikagaiak direla jabetzeko ere. Bortxazko izate hori deseraikitzen ikasteko entsegu aproposa dukezu. Eta bidenabar, euskaldunen argien mendea noizbait urratuko den esperantzaz, euskaldunon nortasuna eraikitzeko.
news
argia-b1557fda06f8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/saharako-hautsa-amazonian-elikagai.html
Saharako hautsa Amazonian elikagai
Joxerra Aizpurua
2015-03-15 00:00:00
Saharako hautsa Amazonian elikagai Sahararen eta Amazoniaren artean milaka kilometro daudenez, ez dirudi bien artean harreman handirik egon daitekeenik. Baina Maryland-eko Unibertsitateko (AEB) ikerlari talde batek, NASAko satelite baten laguntzaz, erlazioa uste baino estuagoa dela frogatu du. Calipso sateliteak 2007 eta 2013 artean laser bidez egindako neurketak aztertuz heldu dira ondorio horretara. Antza, urtero 182 milioi tona hauts ateratzen da Saharatik, eta 2.600 kilometro egin ondoren, 132 milioi tona heltzen dira Hego Amerikara. Horietatik 37 milioi inguru Amazoniako oihanean lurreratzen dira, euriaren eraginez. Hauts horretan hainbat mineral garraiatzen dira. Horien artean fosfatoak dira garrantzitsuenetakoak, landareentzako ongarri eraginkorrak baitira. Baina Saharako hautsaren eragina ez da hor gelditzen. Ozeano Atlantikoan eta Karibe itsasoan itsasoratutako hautsak fitoplanktona elikatzen du, eta horregatik dira hain aberatsak bertako ekosistemak.
news
argia-c04d8bff2ffe
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/euskaldunak-eta-euskara.html
Euskaldunak eta euskara
Imanol Alvarez
2015-03-15 00:00:00
Euskaldunak eta euskara Orain pare bat urte edo, orri hauetan berauetan, idatzi nuen euskal politikariek, oro har, euskararekiko daukaten utzikeriaz. Adibide paradigmatikotzat, eta oso larritzat hartzen nuen Arnaldo Otegiren El tiempo de las luces liburuaren ildora gertaturikoa. Erdarazko edizioa euskarazkoa baino lehenago argitaratu izanagatik egon ziren ahots kritikoak baretzeko asmotan, Iñaki Soto Garako zuzendariak azalpen bat eman zuen, "Arnaldok erdaraz duen zehaztasuna euskaraz ez duela nabarmena da", esanez. Eta lasai asko gelditu bide zen. Egunotan antzeko beste adibide bat izan dugu. Manu Lezertua izendatu behar dute, antza, Ararteko. Ez dakit nik lagun horrek dituen meritu eta curriculum profesionalak egokiak diren ala ez lanpostu horretarako; baina zalantza galantak ikusten ditut gizarte eta hizkuntza-egokitasunari erreparatuz gero. Izan ere, izena jakinarazi zuten egunean bertan Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak esan zuen Lezertua Ararteko gaia euskalduna ere badela, baina ez dagoela argi zer jariotasun-maila daukan, kanpoan urte asko eman baititu. Iruzkin ustez xalo horren atzean, ene iritziz, kezkagarri bezain larria den horren ñabardura ez den ñabardura bat gelditzen da agerian: geure hizkuntzarekiko euskaldunok izan ohi dugun axolagabekeria. Nola da posible Ararteko izateko euskara menderatzea ezinbesteko baldintza ez izatea, "ere" bat izan beharrean? Nola da posible euskaldun batek normaltzat hartzea atzerrian hainbat urte egonagatik norbere hizkuntzan hitz-jarioa galdu izana? Edozelan ere, egun batean "euskalduna" izan izanak ez du inor gaitzen gaur egun euskararen herrian kargu publiko batean aritzeko, gaur-gaurkoz daukan trebeziak baizik. Esparru ez horren politikoan ere, tamalez, antzera gertatzen da. Enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko Jaurlaritzaren planaren emaitzak aditzera eman berri dizkigute, eta agerian gelditu da, berriro ere, ezer gutxi aurreratu dela. 2008an onartu zen plana, baina enpresen %78k oraindik ez du betetzen. Datu horiek ikusita, eta legea ez betetzeagatiko isun faltaren afera alde batera utzita (nahiz eta horrek ere eztabaidarako ematen duen), biziki larria iruditzen zait konstatatzea oraindik ere euskaldunok ez garela gauza gure hizkuntza-eskubideak praktikaren bidetik exijitzeko; hau da, euskaraz eginez, eta, modu horretan, enpresei negozioa egin nahi badute euskara erabili behar dutela helaraziz.
news
argia-5f8b215d0af7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/eusko-jaurlaritza-beizamako-udalaren-akten-auzian-pertsonatuko-da.html
Eusko Jaurlaritza Beizamako Udalaren akten auzian pertsonatuko da
Onintza Irureta Azkune
2015-03-15 00:00:00
Eusko Jaurlaritza Beizamako Udalaren akten auzian pertsonatuko da Oraingoz, Beizamako Udalaren auzian baino ez da pertsonatuko Eusko Jaurlaritza. Bazirudien epaitegietan diren gainerako udalen auzietan ere pertsonatuko zela, baina ez du halakorik adierazi zehazki Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin bilera eginda gero, Baztarrikak adierazi du ez dutela ezer baztertzen eta ikusiko dutela hurrengo pausoak zeintzuk izango diren. UEMAk, Jaurlaritzak Beizamako Udalari emango dion babesa besteetara zabaltzea nahi du. Bileran hiru eskaera egin dizkio udalerri euskaldunen erakundeak Jaurlaritzari: bi erakundeen artean koordinatzea estrategia juridikoa; Udal Lege berria udalok babesteko prestatzea; arnasguneak sendotzeko urratsak emateko mahai bat osatzea. Patxi Baztarrikak Legebiltzarrean adierazi duenez, administrazioen arteko harremanetan bi hizkuntza ofizialetako edozein erabil daiteke, batak bestearen beharrik gabe. Espainiako Gobernu ordezkaritza behartuta dago hizkuntza ofizialetako edozeinetan tramiteak egitera. Eusko Jaurlaritzak afera honetan zer egin beharko lukeen galdetuta, duela gutxi ondokoa zioen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Argia aldizkarian: "Jaurlaritzak uste badu Euskararen Legearen irakurketa zurruna egiten ari direla, baina lege horrek berak aukerak ematen dituela, epaiketetan egon beharko luke udalerrien defentsan. Kontrako epaiak egon daitezkeela aurreikusita B plana ere eduki beharko luke. Hau da, baloia Legebiltzarrean utzi behar da eta pentsatu zein moldaketa egin behar zaizkion legeari halako gauzak saihesteko". Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok hogei udalerri inguru salatuak ditu udal aktak euskaraz baino ez helarazteagatik Gobernuari. Hogei bat auzitara eramanak, eta beste hogei bati errekerimendua egina. Urquijok Euskararen Legea du helduleku, eta haren esanetan, udalek barne aktak ezin dizkiete igorri Gobernu ordezkaritzari euskara hutsean, gaztelaniak alboan behar du. n
news
argia-30643e4329ec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/euskal-kostaldeko-geoparkea-gipuzkoa.html
Altxor karstikoa flyscharen itzalean
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-03-15 00:00:00
Altxor karstikoa flyscharen itzalean Badakigu Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha munduan bakarra dela. Baina flyscharen ospeak ez gaitzala itsutu, Geoparkearen barnealde karstikoak merezi du eta. Duela milioika urteko korala kareharri bihurtu eta ura kareharri hori moldekatuz joan da, bailara itxiak, erliebe bitxiak, kobazuloak... sortuz. Gizakiak hori guztia baliatu du, eta paisaia eder honetan aztarna utzi. Goiz bakarrean 115 milioi urteko bidea egin dugu. Debako hondartza hartu dugu abiapuntu. Autoa bertako aparkalekuan utzi eta ekialdera, Lapariko hondartza aldera jo dugu, izen bereko behatokira iristeko. Oinez bide laburra egin arren, metro gutxian denboran 115 milioi urte egin dugu atzera. Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok azaldu digu orduan itsaso tropikalak estaltzen zuela Geoparkeko eremua. Planetaren batez besteko tenperatura egungoa baino altuxeagoa zen orduan, eta egun Geoparkeak hartzen duen eremua tropikotik gertuago zegoen. Sakonera txikiko itsaso horretan koralezko uharriak sortu ziren. Egungo Iberiar penintsula, artean uhartea, biratzen ari zen garai hartan, eta Bizkaiko Golkoa irekitzea eta arrakala sakonak sortzea eragin zuen horrek. Sakonune horietan metatu zen orain zapaltzen ari garen flysch beltza. Flyscha da Geoparkeko izarra, bisitari gehienak erakartzen dituena; Hilarioren hitzetan, "mapan kokatzen gaituena". Gu, ordea, barnealdera begira gaude. Hondartzaren atzean Debako herri-gunea dago, eta atzerago Arno ingurua ikusten da. Hara goaz, duela milioika urteko koralezko uharrietara. Karsta dastatzen N-634 errepidea hartuta Mutrikura jo dugu eta handik GI-3562 errepideak Olatz auzora eraman gaitu, hogei bat minutuan. Koralak denbora luzeagoa behar izan zuen kareharri bihurtzeko, nola kareharri gogor baina disolbagarri horrek erliebe forma karstiko bereizgarriak eratzeko. Poljeak arroka karstikoan sortutako sakonune handiak dira, haran itxiak, eta Olatzekoa adibide nabarmena da. Barnealdetik Añu eta Olatzgoikoa ibaiek bat egiten dute Olatzen, baina itsaso aldera begira jarri gara eta erliebeak ez du behera egiten, gora baizik, paradisu txiki isolatua osatuz. Izan ere, bi ibaietako urak Olatzen bertan, Kobaldeko sarbegi itzelean barrena, lur azpian sartzen dira. Kobalde ez dugu ikusten, landareek estaltzen dutelako, baina uraren burrunba entzutera hurbildu gara. Asier Hilario geologoak dio egokia litzatekeela etorkizunean sarbegiaren ingurua garbitzea eta plataforma moduko bat ipintzea. "Horrek bisitariak erakar ditzake"; gogoratu, Geoparkera hurbiltzen diren gehienak kostaldeko flyschera mugatzen dira. Geoparkeak dagoeneko "Karsteko zaporeak" izeneko bisitaldi gidatua dauka antolatuta, Olatzeko inguruak ezagutarazteko. Bi ordu inguruko ibilbidean, paisaia karstikoaren elementuak ikusteaz gain, Goienetxe baserrian artaldea ikusi, gaztagintzan parte hartu eta gazta eta txakolina dastatzeko aukera dago. Kalbaixoko baseliza Añu eta Olatzgoikoa ibaien artean Basarte (442 m) mendia beste elementu karstiko baten adibide garbia da: pinakulua. Hilariok esan digu atzealdean mendia ez dagoela erabat bananduta, pinakulua ez dagoela erabat hustuta, baina Olatzetik begira piramide ia perfektua ikusten da. Gainazal horizontala pixkanaka disolbatuta sortzen dira pinakuluak eta klima tropikaleko ohiko modelatuak dira. Goiz hotz honetan, itzaleko zelaiak izotzak zurituta daude oraindik, eta elur arrastoak ere ikusten dira gailurretan; ez da erraza eremuaren iragan tropikala imajinatzea. Berriro autoa hartu eta GI-3562 errepidean atzera eginez, Astigarribiara doan GI-3230tik jarraitu baino lehen, ezkerrera, Kalbaixoko ermitara doan bidexka hartu dugu. Flyschak eta karstak bat egiten dute ikuspegi  bikaineko kokagune honetan, ermitaren kanpoaldeko idi-probalekua flyscheko harriez egina baitago –1989an bildu zituzten Saturrarango hondartzan– eta arrastaka eramateko harriak, aldiz, karsteko kareharri estimatuaz. Lasturko poljea Ermitatik jaitsi eta GI-3562an bide laburra daukagu GI-3230 errepideko bidegurutzera iritsi bitartean. Eskuinera joko dugu hor, Lastur aldera. Lasturko poljera iritsi baino lehen, Astigarribian, pinakuluak, konikoak nahiz esfera erdi itxurakoak, oso nabarmenak dira, Basartekoa bezala artadi bikainez estaliak, tapizatuak, baita neguan ere, hosto iraunkorreko espeziea baita. Mediterraneoko zuhaitz tipikoa, Kantauriko isurialdean ere ohikoa da artea, hau bezalako kareharrizko lurzoru malkartsuetara ederki moldatzen baita. N-634aren bidegurutzera iristean, Debara jo ordez, GI-3293 errepidea hartuko dugu Lasturrera. Bide bihurrian behera Lasturko poljean sartu gara. Olatzeko poljea eliptikoa da, biribila ia, baina Lasturkoa luzeagoa da, ohikoagoa. Haranaren hasieran egin dugu geldialdia, bertatik polje osoa ikusteaz gain, dolinak hautemateko toki aproposa baita. Lurrazaleko urek maila freatikoa bilatzeko joera dute beti. Bidean kareharria disolbatzen dute eta hala eratzen dira dolinak, inbutu moduko sakonune txikiak. Beste elementu karstiko batzuen oinarri dira, gainera; dolinak handitzen diren heinean, bata bestearekin elkartzen dira eta horrela sortzen dira poljeak, eta dolina artean geratzen diren ertzek, aldiz, elkartu eta pinakuluak sortzen dituzte. Errotak lur gainean, kobazuloak azpian Bidean aurrera egin eta bizpahiru minutuan Plazaolako errotek berriro gelditzeko eskatu digute. Gaztañadi errekako urak mugitzen dituen irin-errotak burdinolak ziren jatorriz, 1335eko erregistroen arabera. Burdingintzak errentagarritasuna galdu ahala, ola asko errota bihurtu ziren eta bailarako nekazariek hara eramaten zituzten artaleak, bertan eho eta irina lortzeko. Berriro ere nabarmen geratu da inguru hau taxutzeko urak duen garrantzia. Eta, uraz gain, giza jarduerek ere eragina dutela agerian uzten dute errota hauek,  Kalbaixon ikusi ditugun inguruko harrobietako harriek bezala.     Baina gizakiek hemen utzitako ondare preziatuena ez dugu ikusiko, lur gainean gauden bitartean behintzat. Gainazala ez ezik urak lur azpia ere zizelkatu baitu. Kareharri gogorrena erraz disolbatzen du urak eta, denboraren joanean, kobazulo eta konduktu konplexuak sorrarazten ditu lurpean. Goi Paleolitoan kobazulo horiek bizileku aproposa ziren gizakientzat, are gehiago kostaldetik hain hurbil egonda. "Dordoina txikia" Karst honetan gizakiek okupatutako 40tik gora kobazulo daude. "Egia da Geoparkeko flyscha bezalakorik ez dagoela munduan", dio Asier Hilariok, "baina karsta gure Dordoina txikia da". Besteak beste, Ekaingo horma-irudiak edo Praileaitzeko lepokoak horren froga dira. Lasturreko haranetik irten eta Endoiara egin dugu GI-3292 errepidea hartuta, Izarraitzen gailur zuritua lagun. Geoparkearen mugan amaitu dugu ibilbidea. Alde batean Zestoa dugu, eta bertan Ekain Berri. Beste aldean Deba eta Ekain zaharra. Zaharra, gizakion ikuspegitik, 15.000 urte huskeria baitira egin berri dugun milioika urteko bide geologikoan. n
news
argia-086c707e8560
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2453/heziberri.html
LOMCEren aurrean, zer lortu du eta zer ez Jaurlaritzaren curriculumak?
Mikel Garcia Idiakez
2015-03-15 00:00:00
LOMCEren aurrean, zer lortu du eta zer ez Jaurlaritzaren curriculumak? Eusko Jaurlaritzak EAErako aurkezturiko curriculuma datorren ikasturtean jarriko dute martxan Lehen Hezkuntzan, eta 2016-2017an Bigarren Hezkuntzan. Zer jasotzen du curriculumak eta nola ezarriko dute eskoletan? Zein gestio eta autonomia maila ematen die ikastetxeei? Hurrengo urteetan LOMCE kentzen badute, bere horretan mantenduko al da Jaurlaritzaren curriculuma? Zein eztabaida azaleratu du prestatzen ari diren Euskal Eskolaren Legeak? LOMCE legeari aurre egiteko jaio zen Heziberri 2020, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta. Espainiako legearen aurrean, hezkuntza proiektu propioa garatu dutela eta arloko eragileen lankidetza eta adostasuna handia izan dela esan digute Hezkuntza Sailetik. Prozesuan parte hartu baino, Jaurlaritzak aurkezturikoaren gainean eztabaidatu dutela kexatu dira ordea hainbat eragile eta sindikatu –ikasleen ordezkaririk ez dela egon ere kritikatu dute ikasleek–, eta salatu dute LOMCEren ildo ugari bere egiten dituela Heziberrik. Ikastetxeen gestio eredua, autonomia eta finantzazioa, marko pedagogikoa eta landuko diren eduki curricularrak zehaztu dituzte dagoeneko Heziberrin, eta bigarren urratsa ere eman dute: dekretuetan jaso da guztia. Dena prest dago beraz hurrengo urtetik aurrera eskoletan dekretuok aplika daitezen. Hirugarren urratsari ekingo diote ondoren: Heziberriren barruan garatuko den Euskal Eskolaren Legea, dagoeneko txinpartak piztu dituena. Baina goazen pausoz pauso. Ikastetxeen gestioa eta autonomia Kudeaketarako boterea zuzendariarengan kontzentratzen du LOMCEk, hezkuntza komunitatearen eta Eskola Kontseiluaren eragiteko ahalmena kontsulta mailara zokoratuz. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako hitzarmenari esker, ordea, Eskola Kontseiluak gaur egun dituen eskumenak mantenduko ditu EAEn eta hala jaso du Heziberrik. Autonomia ere aitortzen die Heziberrik ikastetxeei, baina horretarako, bere proiektua aurkeztu beharko du eskolak, eta administrazioaren esku egongo da berau ebaluatu eta baimentzea, errendimendu adierazleak erabiliz. "Autonomia positibotzat hartuko genuke, kudeaketa eskumen horiek (langileena, finantzarioa, baliabideena…) modu bateratuan ulertuko balira, eta ez proiektu jakinen ordainsari gisa, zentro bakan batzuetarako, abiadura ezberdineko ikastetxeak sortzeko arriskua baitago", uste du Iñigo Salaberriak, eskola publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendariak biltzen dituen Sarean elkarteko kideak. "Helburu berdinera iristeko zailtasun eta behar handiagoak dituztenei baliabide gehiago eman beharrean, baliabideak eta finantzazioa ikastetxearen proiektuaren eta ikastetxeak lortutako helburuen arabera banatzea ez da autonomia ematea, tranpati jokatzea da", dio STEILAS sindikatuko Ana Perezek. Hezkuntzan zerbitzu publikoa bai ikastetxe publikoek bai kontzertatuek eskaintzen dutela dio Heziberrik, eta hori kritikatu du EHIGE gurasoen elkarteko Lurdes Imazek, hezkuntza sistemaren lehentasuna eskola publikoari aitortu beharko liokeela iritzita. "Dekretuek ez dute planteatzen sare guztien ardura partekatua eta ikasleen zonaldekako banaketa ekitatiboa, ezaugarri, premia eta jatorri desberdineko ikasleei erantzun egokia eman ahal izateko". Ondorioz, bai hizkuntzari dagokionez, bai beharretan, aniztasunean eta maila sozio-ekonomikoan, sarri ikastetxe publikoak ghetto bihurtzen direla salatu dute. Curriculumaren zati bat, LOMCEk baldintzatua "Curriculumaren eginkizuna da bizitzarako oinarrizko diren konpetentziak eskuratzen laguntzea. Eta pertsonaren garapen integralaz gain, sozialki batzen gaituena egituratzea eta elkarbizitzaren oinarriak finkatzea", azaldu digu Heziberriren gidaritzan aritu den kideak. Horretarako, esan digu, Euskal Curriculuma eta Euskal Herrirako Curriculuma hartu dituzte iturri nagusi gisa, edo hobe esanda, curriculum horien bien uztarketa den EAEko 2007ko curriculum dekretu ofiziala (ikusi ondoko orriko koadroa). Konpetentzia edo gaitasun oinarrizkoak eta zeharkakoak txertatu dizkiote, hala nola arazoei aurre egiteko gaitasuna, komunikatzekoa, ikasten eta pentsatzen ikastekoa, elkarbizitzarako konpetentzia edota ekimenerako eta ekiteko espiritua –azken hau, hezkuntzaren filosofiarekin baino, enpresa munduaren eta merkatuaren ikuspegiarekin lotuegi dagoela iritzi dio STEILASek–. Ikasgaietan, matematikak eta hizkuntzek (euskara, gaztelania, atzerriko hizkuntza) hartzen dituzte ordu gehien nabarmen, eta horiek dute lehentasuna ikasturtea gainditzeko. LOMCE legeak curriculuma zein neurritan baldintzatu duen galdetuta, egileek diote funtsa ez dagoela baldintzatuta: "Hezkuntza eredua, zer nolako ikasleak hezi nahi ditugun, ez da urrutitik ere LOMCErena, gurea baizik. Eta hori da gakoa. Zehaztu dugu zein motatako etxea eraiki nahi dugun, zeintzuen artean (gure irakasleak dira) eta zein materialarekin: azken hori baldintzatu nahi dute, baina guk nolabait saihestu egin dugu". Eta egia da punturen batean aurre egin diola Heziberrik Espainiako legeari: LOMCEren arabera, adibidez, gazteek 14 urterekin erabaki behar dute unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren artean, eta hortik aurrera bide bereiziak egingo dituzte ikasleek, baina EAEn curriculum bera jarraituko dute denek (Espainian baino ikasgai gehiago emango dituzte orotara), erabakia 16 urtera arte atzeratu ahal izateko. Aldiz, LOMCEren hainbat agindu barneratu ditu Heziberrik, eta hala azpimarratu dute Sarean, Ikasle Abertzaleak, EHIGE, BIHE, LAB, ELA eta STEILASek, besteak beste. "Puntu askotan 'indarrean dagoen legea' aipatzen da, lege horrek markaturiko lorpen adierazleak bete beharko direla adieraziz, eta indarrean dagoen legea LOMCE da, beraz…", gogoratu du Ana Perezek. Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan LOMCEk ezarritako kanpo-ebaluazio edo errebalidak, EAEn ebaluazio diagnostikoak izango direla jaso du Heziberrik, eta hortaz hasiera batean ez lukete ondorio akademikorik izan beharko, baina Lehen Hezkuntzako zuzendarien kezka nagusia da hala ere: "Ikastetxeetako jarduna azterketa horietara moldatzen joango delakoan gaude –dio Iñigo Salaberriak–, lorpen maila handiena eskuratu aldera, eta horrek urteetan esfortzu handiz egindako bilakaera metodologiko pedagogikoa kaltetuko luke". Ebaluazio diagnostikoa izan arren, irakasleek eurek aurreikusten badute froga horiek Lehen Hezkuntzako ikasketa prozesua baldintzatuko dutela, irudikatu zein izango den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukaeran Batxilergora igaro ahal izateko ikasleek gainditu beharko duten kanpo-ebaluazioaren eragina. Izan ere, irizpide eta eduki jakin batzuk neurtuko dituen –eta kanpotik prestatuko den– makro-azterketa gainditzeko betebeharra jasotzen du Heziberrik, LOMCEk aipatzen duen "errebalida" hitza saihestu arren. Derrigorrezko ebaluaketetan maila emateko eduki horiek irakasteak tarterik utziko al du bestelakoak lantzeko? Gogora dezagun selektibitateak esaterako ez duela beste ezertarako denborarik uzten Batxilergoan. Gainera, ikasleak ikasitakoa kanpoko probetan etengabe balioztatzera eta gainerakoekin lehiatzera behartzea ez da ebaluazio sistemarik egokiena, STEILASen hitzetan. Erlijio katolikoa eskaintzea ere derrigorrezkoa izango da, Heziberriren –eta LOMCEren– arabera. Erlijioa aukeratzen ez duenak balio zibiko eta etikoei buruzko ikasgaia jaso beharko du eta bata zein bestea gainerako ikasgaien mailan ebaluatuko dira. Hizkuntzen trataerak ere haserrea piztu du hainbatengan. A, B eta D ereduak mantenduko dira ikastetxeetan, eragileek aspalditik errepikatzen duten arren A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen eta ereduen sistema gainditu egin behar dela. Are gehiago, euskara eskakizuna ikastetxearen inguru sozialaren arabera egitea jasotzen du Heziberrik eta eragile ugarik ez du begi onez ikusi, berriz ere abiadura ezberdineko zentroak eta ghettoak sor ditzakeelakoan, euskararen ezagutzan denei helburu bera eskatu eta horretarako behar handiagoa duten zonaldeetan baliabideak jarri ordez. "Euskalduntze prozesuan aurrerapauso irmoak emateko ausardia falta ikusten dugu", adierazi du Sarean elkarteko kideak. Ikastoletan ere, Heziberri? Ikastolen, Udalbiltzaren eta Sortzen Ikasbatuazen ekimenez Euskal Curriculuma garatu zuten duela hamarkada bat (ikusi aurreko. orriko koadroa). Curriculum horren garapen bat da Eki ikasmateriala eta horixe bera dute oinarri ikastolek. Maila batzuetan probatu dute eta beste adin tarteetara zabaltzen ari dira orain. "Zalantzak sortzen dira, konpetentzietan oinarritutako paradigma aldaketa handia bizi duelako irakaskuntzak, baina gutxika-gutxika aurrera goaz", dio Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Heziberrik ere, konpetentzietan oinarritutako garapen curricularra egin duela eta LOMCEren ikuspegi akademizista gainditzen duela gaineratu du Tellituk: "Heziberriren gauzapena ikastetxe bakoitzean egin beharko da eta LOMCE ez aplikatzeko ate bat irekitzen du; guk uste dugu zabaldutako ate hori baliatu dezakegula, Ekirekin jarraituz eta Euskal Curriculuma garatuz". Onartu du, hala ere, Heziberrik ez duela LOMCE geldiarazteko adina indarrik, "eta hori nabaria da Bigarren Hezkuntzan, eta bereziki ebaluazioen arloan". Azken finean, errebalidek irakaskuntza baldintzatuko dutela argi dago, baina errebalida horien nondik norakoak "inkognitak dira oraingoz", dio Tellituk, Espainiako Gobernuak ez baitu oraindik ebaluazio proposamenik egin. Espainiako hauteskundeetan PPk gehiengo absolutua galdu eta oposizioko alderdiek –behin baino gehiagotan esan duten moduan– LOMCE edo gutxienez kanpo-ebaluazioak kentzen badituzte ere, Heziberrin garaturiko dekretuak funtsean mantenduko direla azpimarratu digu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak (ikusi ondoko orriko elkarrizketa). LOMCE bertan behera geratuz gero, funtsa ez baina pentsatzekoa da curriculumeko hainbat eduki alda litezkeela; dena den, ikastetxeen gestio eta autonomiari dagokion atalak kezkatzen du Ana Perez, agudo egin nahi izan dutela eta horren atzeko asmoa dekretuok blindatzea dela iritzi baitio. Euskal Eskolaren Legea, datozen urteetako erronka arantzatsua Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuen Eusko Jaurlaritzak 1993an, eskola publikoa berritu eta ikastolak sare publikoan barneratzeko. Ikastola ugarik (EAEko ikastoletako ikasleen %40 biltzen zituztenak) publifikatzea erabaki zuten. Egun, %50 ikastetxe publikoak dira EAEn eta %50 "pribatuak" –pribatu guztiak kontzertatuak dira, bizpahiru ikastetxe kenduta–. Europan, %10 baino ez dira ikastetxe pribatu, batez beste. Garai berrietara egokitzeko eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko, hezkuntza legea beharrezkotzat dute denek. Horixe izango da Heziberriren hurrengo urratsa, bertako dekretuak abiapuntu hartuta. Eragileek argi dituzte legeak jaso beharko lituzkeen erronka nagusiak: hala nola, ikastetxeen autonomia arautzea, irakasleen egonkortasuna ahalbidetzea, euskaran ardaztutako sistema eleanitza egituratzea –egungo ereduen sistema gaindituz–, konpetentzietan oinarritutako curriculuma islatzea, eta ikasleen aukera berdintasuna eta inklusibitatea bermatzea. Puntu beroa publiko eta kontzertatuen arteko eztabaida izango da, zalantzarik gabe. "Ikusten dugu Legean ez dagoela asmorik eskola publikoa ardatza izateko eta hala behar luke. Badirudi administrazioak ez duela sinesten eskola publikoan; EAEn daukagu eskola publiko portzentaje txikiena eta ezinbestekoa da gizarteak erabakitzea herri honetan nahi al dugun eskola publikoa izatea hezkuntza sistemaren ardatza ala bigarren mailako eskola –adierazi du EHIGE guraso elkarteko bozeramaileak–. Funtsezkoa da sareen arteko ardura partekatua, Lege barruan finantzazio gehiago eskatuko dutelako ikastetxe pribatuek, baina ezin da hori egin eta behar berezi guztiak eskola publikoan kontzentratu". "Sentitzen dugu ikastolarekiko apustu handiagoa egiten duela administrazioak, eskola publikoarekiko baino", gaineratu du STEILASeko bozeramaileak. Legalki egonkortasuna emango dien araudiaren aiduru daude ikastolak eta kristau eskola. Publiko zer den definitzea, hor ikusten du gakoa Ikastolen Elkarteko lehendakariak: "Hezkuntza sistemako ikastetxeen erdiak baino ez du legea eta garrantzitsua da hezkuntza sistema osoarentzat lege bat izatea. Zein hezkuntza sistema publiko nahi dugun eztabaidatzea oinarrizkoa izango da: guk aldarrikatu dugu publikotasun berri bat, ez titulartasunari lotua baizik eta zerbitzuari, eta oinarri horri lotuta, finantzazio sistema berri bat. Gatazka sortuko da, planteamenduetan ezberdintasun nabariak daudelako eta hezkuntza ereduok lan bat egin beharko dugu, argi ipinita bakoitzak non dituen bere marra gorriak eta noraino hurbildu gaitezkeen denon artean. Ea guztion artean gure publikotasun sistema ezartzeko gai garen, gaur duguna Espainia eta Frantziako sistema publikoaren kopia delako". Cristina Uriarte: "Eskumena badaukagu, eta nahikoa; beste gauza bat da Espainiako Gobernuak noraino urratzen dituen gure eskumenak" (Arg: Dani Blanco).
news