id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-c9ae205f36f6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/euskal-herriko-bost-enpresak-saudi-arabiara-bidaiatu-zuten-espainiako-erregearekin.html
Euskal Herriko bost enpresak Saudi Arabiara bidaiatu zuten Espainiako erregearekin
ARGIA
2017-08-28 00:00:00
Euskal Herriko bost enpresak Saudi Arabiara bidaiatu zuten Espainiako erregearekin Felipe VI.ak urtarrilean Riaden egin zuen bileran Espainiako Estatuko 22 enpresak parte hartu zuten. Tartean Euskal Herriko bostek, CAF, IDOM, Mondragon, OHL eta Sener-ek hain zuzen. La Marea k urtarrilaren 16an argitaratu zuen Felipe VI.ak Saudi Arabiara egindako bidaian zein enpresa izan zituen lagun, izan ere, erregeak egindako hiru eguneko bidaiari itxiera emateko, Arabiako eta Espainiako estatuko 70 enpresen arteko bilkura egin zuten. Espainiako Kanpo Merkataritzako Idazkaritzak berretsi omen zizkion izen hauek La Mareari. Espainiako Gobernuak enpresa hauen izenak ez zituela publikoki adierazi eta 26 telefono dei kosta zaiela zerrenda hau eskuratzea azaltzen du albistean. Euskal Herriko bostak - CAF, tren eraikitzailea. - IDOM, ingeniaritza eta arkitektura enpresa. - Mondragon, finantzak, hezkuntza, industria biltzen dituen taldea. - OHL, eraikuntza enpresa. - Sener, ingeniaritza eta eraikuntza. Gerra negozio bidaia izan zena Erregeak eginiko bidaia honen alde polemikoenetakoa izan zen bitartekari lanak egin zituela Navantiak bost korbeta militar saldu ziezazkion Saudi Arabiari, eta hauen bidez Yemenen zibilak hiltzen jarraituko zuela, Amnistia Internazionalak eta beste GKE batzuek salatu zutenez. Zerrendako gainerako enpresak - Acciona, azpiegituretan espezializatua. - ACS Cobra, eraikuntza enpresa. - ADIF, jabetzaz Espainiako Estatuarena den tren eraikitzailea. - Arpa, logistika militarrean espezializatua. - FCC, eraikuntza enpresa. - MCI taldea, argiztapenean espezializatua. - HFF Herbert Smith, abokatuak. - Indra, jabetza zati publikoa duen enpresa, sektore militarrean, energetikoan, finantzetan eta garraiokoan ari dena. - INECO, garraio eta ingeniaritza hornitzailea. - Navantia, Espainiako Estatuaren enpresa militarra. - Renfe, Espainiako Estatuaren tren enpresa. - Sacyr, eraikuntza enpresa. - Talgo, tren enpresa. - Técnicas Reunidas, ingeniaritza eta eraikuntza enpresa. - TSK Taldea, sektore energetiko, industria, mineral eta ingurumenekoan ari den enpresa. - Typsa, kontsultoria enpresen multzoa. - X-Elio, energia berriztagarriak.
news
argia-4593b7063c22
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/mendebaldeko-baloreak.html
Mendebaldeko baloreak?
Fatima Aatar
2017-09-10 00:00:00
Mendebaldeko baloreak? Faxismoari aurre egin behar zaio, ekitaldi faxista bat dagoen bakoitzean (…) Hannah Arendt-ek hiru pertsona mota bereizten ditu, nazismoa ahalbidetu zutenen artean: dogmatikoak, nihilistak eta herritarrak orokorrean. Herritar 'normalek' ere nazismoa onartu zuten eta gorrotoaren normalizazio hori arriskutsua da, jende batek ez duelako ezer egingo edo justifikatu egingo dutelako. Kataluniako atentatuen kasuan ikusi dugu: ustezko terroristak garbitu dituzte eta jendeak txalo egin du (…) Prozesu historiko bat da, barne-etsai ezberdinek azaleratua, eta orain pertsona musulmanei egokitu zaie, komunistei edota judutarrei egokitu zitzaien bezala. Ezberdintasunak daude, baina bazterketa dinamikak eta mekanismoak berdinak dira. Horregatik diot arrazakeriari ez zaiola aurre egin behar aurreiritzi eta estereotipoei aurre eginez, horiek ondorioa dira. Muinera joan beharra dago, estrukturala dela azpimarratu, erraza eta erosoa den horretara joan beharrean, epe laburrerako balio dezakeelako, baina epe ertain eta luzera ondorioak izugarri txarrak izan daitezke, egunotan ikusten ari garen moduan (…) Pertsona mota ezberdinak daude: arrazistak, bai edo bai kriminalizatuko gaituztenak; pertsona politizatuak, lagunduko gaituztenak; eta euren burua apolitikotzat dutenak, kutsatzen errazak, horiengan dugu lanik gogorrena. Orain musulmanei egokitu zaie, komunistei edota judutarrei egokitu zitzaien bezala. Ezberdintasunak daude, baina bazterketa dinamikak eta mekanismoak berdinak dira Zalantzagarria da nola daraman komunitate musulmanak islamofobiaren kontrako borroka, gutxiagotuaren eta erruduntasunaren lekua hartzen ari delako. Abdennur Pradok esan zuen: 'Terrorismoa ez da islamikoa' esatea terrorismoaren eta islamaren artean lotura ezartzea da. Inkontzienteki bi kontzeptuak lotzen ari zara. George Lakoff-ek azaltzen du Ez pentsatu elefante batean lanean (…) Guztiz bat nator Musulmanak Sareko kide batek dioenarekin: zerbait kondenatzeko eskatzen dizun jendeak ez du nahi ezer kondena dezazun, dagoeneko erabaki du erruduna zarela eta esaten edo egiten duzun ezerk ez du haien jarrera aldatuko. Batasunaren diskurtsoa entzuten dudanean pentsatzen dut ea zer ikusi daukan elite politikoak herritarrekin; klase borroka inoiz baino biziago dago. Behin eta berriz esaten da atentatu hauek gure baloreak eta askatasuna eraso dituztela. Mendebaldeko zein balore? Kapitalismoarenak? Eta askatasuna zeinentzat? Terrorismoa letra larriz bizitzen ari diren musulman horiek guztiak ez al dira sartzen askatasun eta demokraziaren balore horietan? (…) Europan, atentatu bakoitzaren ostean askatasunaren eta demokraziaren defentsaz hitz egiten da, askatasun eta demokrazia hori bera murrizten den bitartean, adibidez Mozal Legearen bidez. EsRacismo ataritik itzulitako pasarteak.
news
argia-fd10fdc01812
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/glu-glu-glu-glu.html
Glu-glu-glu-glu
Xabier Mendiguren Elizegi
2017-09-10 00:00:00
Glu-glu-glu-glu Bukatzear dagoen uda honetako egun batean izan zen. Gernikan nenbilen egun-pasa. Gazte bat neukan ondoan, pasieran, eta Joxemari Iparragirreri eskainitako monumentu bat ikusi genuen herri erdiko plazan, brontzezko eskultura-erretratu horietako bat. "Noski –esan nuen–, Gernikak bere esker ona adierazi behar urretxuarrari". Ondokoak ez zuela ulertu iruditu zitzaidan, eta gehitu nuen: " Gernikako Arbola idatzi zuelako, herriari fama eman zion kanta". Eta orduan ohartu nintzen ez zeukala ideia handirik ez nor izan zen Iparragirre, ez Gernikako Arbola kantak zer dioen, ez ezer… Gazte xalo baten despisteari egotzi nahiko nioke ezjakintasun hori, baina D ereduan ikasitakoa zen, nota onak ateratakoa eta jakin-mina zuena; beraz, pentsatzekoa da berarekin ikasitako guztiek beste horrenbeste edo gutxiago jakingo zutela gai horietaz. Gogoratzen jarri nintzen: nik erdaraz ikasi nuen, giro erdalduna genuen kalean ere, eta hala ere, ez naiz oroitzen nola, arazo handirik gabe kantatuko nituzke Iparragirreren kanta famatuenen hasierak behintzat: "Gazte-gaztetatikan", "Zibillak esan naute", "Ume eder bat", "Zugana Manuela", "Trapu zaharrak", "Hara nun diran"… Ez ni bereziki kantazalea nintzelako ere: giroan zegoen nonbait haien berri izatea, edo irratian entzungo genituen, edo ez dakit. Kontua ez da Iparragirre. Bost axola haren gitarra zakurraren ipurdira bidalita ere. Arazoa da, nire ustez, azken hamarkadetan euskara irakatsi duela eskolak Euskal Herriko zati handi batean; euskaraz ere irakatsi duela eskolak, bai, baina alde batera utzi dela, neurri handi batean, euskal kulturaren transmisioa; belaunaldi berriak euskaradun izan zitezen arduratu gara (zer-nolako euskaldunak, besterik da, eta horretaz ere badago zer hausnartu eta zertaz kexatu), baina (ia) inori ez zaio bururatu euskaldun ez ezik, euskaltzale ere bihurtzea. Ez naiz aditua hezkuntza gaietan. Ez dakit urteotan izan diren curriculumek zer dioten zehazki, ezta gai horiek eskola publiko, ikastola edo eskola kristauetan nola lantzen diren ere, lantzen badira. Sakonago pentsatuta, eskolari bota diot nik errua, baina beharbada gizarte osoarena da akatsa: komunikabide, erakunde, herri-talde eta ni bezalako sasijakintsuena. Edozein modutan, iruditzen zait herriaren maitasuna (hitz kurtsia barkatzen badidazue), nortasuna eta identitatea berariaz ez lantzeak zerikusi zuzena duela hizkuntzaren erabileran konstatatu dugun beherakadarekin, haur eta gazteen artean sumatzen dugun atxikimendu faltarekin, helduok ere dugun frustrazio sentipenarekin. Glu-glu-glu-glu kanta entzunda, bizitzaren gorazarrea ez baizik eta urpera doanaren azken arnasa etorriko ote zaigu burura.
news
argia-b58822d623b3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/la-navaletik-harago.html
La Navaletik harago
Juan Mari Arregi
2017-09-10 00:00:00
La Navaletik harago La Navalek ordainketak "eteteko" egindako iragarpenak, euskal industriako enpresa txiki eta ertainak dauden egoera larriaren ikuspegi orokorra izatea zaildu dezake, Sestaoko ontziolaren tamaina ekonomiko, finantzario eta laboral handia dela-eta. La Navalen zuzenean eta zeharka lan egiten duten 1.500 beharginen protestek ere, fokua puntu bakarrean izatea ekar dezakete. Lantalde horrek badu mobilizazio gaitasuna eta nabarituko dugu ziur. Beste langile batzuek egoera bera bizi dute, baina ezin haien aldarria kalera eraman. Ez dugu ahaztu behar EAEn krisian dauden 30 enpresatan 6.000 lagun ari direla lanean, eta horri gehitu behar zaie beste hainbat enpresa txikitan dabiltzanak, lantalde txikiak dituzten hornitzaile autonomoak. Urkullu lehendakariak galdetu du (ez ote daki?) nola gertatu daitekeen La Navalekoa eskaerak dituenean –lau ontzi ari da eraikitzen–. Erantzuna bistakoa da: halako egoerak sortzen dira finantziazioak huts egiten duelako, berehalako etekinen bila dabiltzan bankuek egiten dute huts. Eta bankuak, orain, Eusko Jaurlaritzari xantaia egiten ari dira, honek ontziolaren zorrak ordainduko dituela bermatu dezan. Horrela baino ez diote finantziazioari berrekingo. Banku publiko bat behar dugu, helburu izango duena euskal industria indartzea eta egungo lanpostuei eustea, hori baita gure gazteriaren etorkizuna –gazteen artean langabezia tasa %50ekoa da–, eta hor egon behar luke Kutxabankek. Gaizki egingo dugu orain fokua La Navalen baizik ez badugu jartzen bere enplegatuak mugitu direlako, eta aldiz ahazten baditugu beste enpresa txiki eta ertainak. Arduradun politikoak derrigortuta daude La Navaletik harago dagoen egoerari erreparatzera.
news
argia-c68d21bf431c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/gerardo-mungia-pastoral-egilea.html
"Euskarak erabat estekaturik nauka eta pastorala ene pasioa da"
Reyes Ilintxeta
2017-09-10 00:00:00
"Euskarak erabat estekaturik nauka eta pastorala ene pasioa da" Lanean dabil buru-belarri Gerardo Mungia. Irailaren 16an, Etxalarren, Karmen Etxalarkoa pastorala estreinatuko dute, eta bera da egilea. Luze-zabal azaldu digu zer prestatu duten ehundik gora lagunen artean. Beste zer kontaturik ere badu iruindarrak, euskara nola ikasi eta aberastu duen esan digu. 1980ko hamarkadan Iruñean heroinak hamarnaka gazte nola eraman zituen ere gogoratu du. Zergatik esaten dizute "Pintxe"? Nafarroako autobidearen obretan hasi nintzen lanean gaztetxo nintzela, artean peoia izateko adina ere ez nuela. Hori dela eta paratu zidaten "Pintxe" izena. Gaztetatik lanean, beraz? Bai. 14 urterekin hasi nintzen arropa biltegi ezagun batean: "Numancia, la casa de la elegancia". Gero, besteak beste, Burundesako autobusetan kobratzaile aritu nintzen, eraikuntzan hasi arte. Gerora ere bertze gauza aunitz egin izan ditut, ardo ekologikoa, esate baterako. Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera? Ene gazte denboran euskara beti izan zen hor modu batez edo bestez, gure etxeko fundazioan ez izan arren. Aitatxi eta amatxi iruindarrak ziren, eta haiek bai euskaldunak zirela, baina aitatxi ez nuen kasik ezagutzeko astirik izan. Gainera, etxean gauza askoz ez zen hitz egiten, besteak beste euskarari buruz. Aitatxi eta amatxi koadernatzaileak ziren, Arantzadi enpresa ezagunean egiten zuten lan, eta horregatik gure etxean beti liburu asko izan ditugu eskura. Txikitatik oso gogoko izan dut irakurtzea. Enetako bi idazle oso garrantzitsuak izan dira: Sarrionandia eta Itxaro Borda. Haien zale amorratua naiz eta beraiekin izugarri ikasi dut. Hizkuntza nola maneiatzen duten xoratzen nau. Haiek euskararen ikasteko esperantza eman zidaten. Gazte garaian mendira maiz joaten nintzen, gure belaunaldiko asko bezala, eta hor barrena ibilki zarelarik ohartzen zara mendi, ibar eta herri askoren izenak euskarazkoak direla. Iruñean ere berdin. Euskara beti hurbil izan dut. Bestalde, trantsizio garaian Euskal Herri euskalduna eraikitzeko proiektuak indar handia zuen. Herri Batasuneko militantea izan naiz, Amnistiaren Aldeko Batzordeko kidea eta LABeko afiliatua naiz. Politikak markatu gintuen eta ni horregatik pozten naiz, gure belaunaldiko askotxok ideia politikoengatik atxiloaldiak ezagutu ditugun arren. Nik garbi daukat langilea naizela. Langiletasun hori da ni identifikatzen nauena. "Drogaren erruz galdu ditudan adiskideen aipamen berezia egiteko gogoa nuen eta 'Harat honat, jonki baten trajeria' liburuarekin lortu nuela uste dut" Euskaltegian eta Pirinioetako unibertsitatean ikasi duzula entzun dizut noizbait… Bai. HABEn hasi nintzen ikasten, Hondarribiko barnetegi batean. Han eman nituen lau edo bost hilabete haietan oinarri sendoa finkatzea lortu nuen. Gero Iruñean Hizkuntza Eskolan izan nintzen urte bat Mikel Tabernarekin eta sekulakoa ikasi nuen. Batzuk eta besteak, garai hartako irakasleak benetako euskararen aldeko militanteak ziren, ene iduriz. Haiek ematen ziguten ilusio hura atxiki nuen nik. Gerora lanean aunitzetan egokitu zait Lapurdi aldera, Sakana, Baztan, Nafarroa Beherea, Zuberoara joatea… Pirinioetako bi aldeetan ikasi dut dakidan euskara. Lana bukatu ondoren koadernoa hartu eta egun berean entzun edo ikasitakoa apuntatzen nuen. Iruñean guti mintzatzen naiz ene lagunek ez dakitelako. Euskaltzaleak dira, baina ez dute ikasi. Inguru hurbilean norekin euskaraz hitz egin ez izateak beste aukerak atxikitzera behartu nau. Argazkia: Dani Blanco. Nolatan izan zinen rock manager? Rock and rolla, kanta tradizionala eta bertsoak izan ditut beti gustuko. 80ko hamarkadan Rock Radical Vasco delakoa sortu zelarik, Iruñeko lagun batek gomitatu ninduen berarekin batera manager gisa ibiltzera. Eta nik baietz esan nuen, zergatik ez? Ez nuen sobera pentsatu. Horrela ezagutu nituen La Polla Records taldekoak, baita Kortatu eta Cicatrizekoak ere. Bizpahiru urte horietan bi kanpaina berezi izan ziren: "Martxa eta borroka" eta NATOren kontrakoa. Lemoizen aurkako mobilizazioak ere ez ziren gutxi izan. Amnistiaren Aldeko Batzordeko militantea nintzen eta militantzia lan mota hain desberdin batekin uztartu ahal izatea hagitz interesgarria iduritu zitzaidan. Hiruki bat osatu genuen musika, presoen aldeko borroka eta politikarekin. Oso garai bizia zen. Gaztetxeak sortzen ari ziren nonahi eta astero kontzertu asko egiten ziren. La Polla Recordsekin, Euskal Herrian behinik behin, mila pertsonatik gora elkartzen ziren kontzertu bakoitzean. Hortik behera ez dut uste ezagutu dudanik. Espainia alderat ere joaten ginen, baita Katalunia alderat ere. Alemanian izan ginen, eta Italian. Benetan urte hagitz bizi eta emankorrak izan ziren. Garai aparta izan zen. Harat honat, jonki baten trajeria liburua egiteko ideia nola sortu zitzaizun? Zerbait erabat pertsonala izan zen. Hemen Iruñean, hainbat arlotan zer gertatu zitzaidan adierazi nahi nuen bertsoen bidez. Narrazio bat da. Bertsotan egina, baina narrazioa. Drogaren erruz galdu ditudan adiskideen aipamen berezia egiteko gogoa nuen eta lortu nuela uste dut. Barnean nituen sentimenduak kanporatzeko beharra nuen. Enetako balio handiko lana da eta aldi berean saiakera bat, idazketan nola moldatzen nintzen ikusteko. Eskola frankistara joaten hasi ginen garaia da hastapena, eta bukaera aldiz, 80ko hamarkadaren amaiera, orduan hil zitzaizkidalako adiskide eta ezagun gehienak. Berdin emazte ala gizonkiak. "Sarrionandiaren eta Itxaro Bordaren zale amorratua naiz. Hizkuntza nola maneiatzen duten xoratzen nau. Haiek euskararen ikasteko esperantza eman zidaten" Drogak asko sufriarazi dizu? Bai. Batez ere 80ko hamarkada hartan. Hemen, Iruñeko Alde Zaharrean, dozenaka eta dozenaka gazte hil ziren. Bistan zen batez ere heroinak zer eragin izan zuen. Ez naiz soziologoa baina Iruñeko Alde Zaharrean 40 gaztetik gora hil ziren. Kalkulu xume bat eginez Iruñean 300 gazte erraz hil zirela esan genezake. Euskal Herrian lasaiki mintzatu ahal gara 3.000-4.000 gazte hil zirela 10-15 urteko tartean. Zu ere haren menpe erori zinen? Ez. Ni ez. Drogak eta alkohola kontsumitu ditut, jende askok bezala, baina menpean erori gabe tragedia hori oso hurbiletik ikusi eta bizi nuelako, hain zuzen ere. Hala eta guztiz ere ni ez naiz drogen aurkakoa. Drogak hor dira eta norberak erabakitzen du zer egin. Hautu pertsonala da. Bortxaz ez du nehork egiten. Gero hortik ezin ateratzea beste kontu bat da, baina norberak nahi duena egin dezala. Argazkia: Dani Blanco. Zure droga orain euskara da? Bai, hala da. Gaur egun erabat estekaturik nauka eta pastorala ene pasioa da. Nola maitemindu zinen pastoralekin? Zuberoan, Pagolan, ikusi nuen pastoral bat lehen aldiz. Pete Basaburu zen, 1982an. Egun hartan pastoralak xarmatu, sorgindu ninduen. Ikusgarri horretan dantza, bertsoa, antzerkia eta auzolana elkartzen ziren. Zoragarria. Geroztik ahal izan ditudan guztiak ikusi ditut. Eta gero etxean liburuxka behin eta berriro irakurri. Ene euskara oso justua zen dena ulertzeko, horregatik ahalegin handia egin behar izaten nuen dena konprenitzeko. Eta asko ikasi dut haiei esker. Nire hizkeran edertasun zantzurik bada, pastoraletan ikasi dudana da. Zergatik Karmen Etxalarkoa pastorala? Lehen erran behar dut pastorala idaztea ez dela horren zaila. Buruan ideia argi baduzu, edozein gauza egin dezakezu. Ez zait hainbertze kostatu. Neguko arratsalde batean, Mériméeren lana irakurri berria nuela, hasi nintzen pentsatzen zergatik ez eman tragedia hau pastoral moduan. Denbora-pasa gisara hasi nintzen idazten eta lau bat hilabeteren buruan egina nuen. Idatzi ondoren pentsatu nuen zer egin nezakeen horrekin eta Etxalarrera joan eta Peio Apezetxea erretoreari buruz joan nintzen. Berak alkatearekin eta kulturan mugitzen den jendearekin harremanetan jarri ninduen. Iduriz ideia gustatu zitzaien eta hainbat bilkura egin ostean hango gazte eta helduek egitea erabaki zuten. "Pastorala batuaz egina da, nik ez baitakit batua baizik, baina saiatu naiz Pirinioetako ibar guztietako lexikoa hartzen" Zenbat jende auzolanean? Arizale, jostun eta kolaboratzaile guztien artean 160 lagun baino gehiago. Etxalartarrak gehi Amaiurko Gaztelua taldeko kideak. Hogei bat lagun baztandar. Haiengana joan nintzen laguntza gisa nobelan aipagai delakoz Joxe Lizarragabengoa baztandarra zela, elizondoarra. Errejentsa, zuzendaria, Pantxika Urruty barkoxtarra da. Aspaldiko lagunak gara eta berari eskatu nion laguntza. Urteak daramatza pastoralen munduan murgilduta eta zenbaitetan parte hartu izan du. Lehena Etxahun izan zen eta ondotik Ximena pastorala etorri zen. 2014. urtean Gerezien denbora pastoralean eta Katalina Erauso proiektuan parte hartu zuen. Azken horretan zuzendari papera bete zuen. Berehala esan zidan baietz besteak beste, sujeta emazteki bat delako. Bera da ikuskizunaren sortzailea. Ezin sinetsian nabil. Badakit hau behin bakarrik gertatuko zaidala eta gozatu eta profitatu behar dudala. Hizkeraren aldetik nolakoa da pastoral hau? Batuaz egina da, nik ez baitakit batua baizik, baina lexikoaren aldetik saiatu naiz Pirinioetako ibar guztietako lexikoa hartzen. Hori izan da nire ikasketa bidea eta idazteko orduan horretaz ere baliatu naiz. Galbidean dauden hitz batzuk berreskuratu eta erabil daitezke. Saiatu behar dugu gure euskara, gero eta pobreagoa dena, hitz horiekin edertzen. Pirinioetako hizkeren erakusgarri txiki bat dela esan daiteke. Nik uste dut nafarrak Pirinioetako indioak garela, agian azken indioak. Nik neuk hala jotzen dut ene burua. "Nafarrak Pirinioetako indioak gara, agian azken indioak. Nik neuk hala jotzen dut ene burua" Eta iraupena? Hiru ordu luze. Badakit pastoralek fama txarra dutela, baina erran behar dut pastoraletan ez dela begiratu behar luzea edo motza den, baizik eta dibertigarria eta interesgarria den ala ez. Ikusgarri ona bada iraupena ez da garrantzitsuena, futbolean, pilota partidetan edo rock jaialdiekin gertatzen den bezala. Egitura klasikoa du? Pastoralak badu bere "legedia", egiteko manera bat. Hau pastoral klasikoa izanen da, Hegoaldean eginiko lehena. Duela gutxi Joxemiel Bidador pastorala egin zen Iruñean, zendutako idazle eta ikerlariari omen egiteko sortua, baina ez zuen pastoral klasikoaren egitura. Horregatik diot gurea lehena dela eta, zentzu horretan, Historia egiten ari garela esaten diet nik parte-hartzaileei. Karmen -ek 240 bertset edo kopla ditu, zazpi kantore, dantzak, batailak… Badira gorriak eta urdinak, gaiztoak eta onak, baina ez, ordea, turkoak eta giristinoak. Haur kantariak badira, baina ez dira aingeruak. Oso garrantzitsuak dira, tragedia batean inozentzia eta itxaropena ere azaldu behar baitira. Kantuei dagokienez, denak berriak dira Xalbadorren bertso batzuk izan ezik. Mustraka guztietan euskara hutsez ari gara, ez da bertze hizkuntzarik izan eta hori inportantea da. Nolakoa da Karmen? Argi-ilun aunitz dituen pertsonaia da. Karmen ebaslea eta kontrabandista da. Ezkondua da, baina dozenaka amoranterekin oheratzen da. Ederki ongi daki besteak xaxatzen hilketak eginarazteko. Bere burua eta bere anderetasuna hil artio defendatzen ditu. XIX. mendeko eleberri batean halako emazteki bat agertzeak harritzen nau. Garai hartan ere harrigarria suertatu zen eleberri hau eta kritika latzak jaso zituen. Jose ere oso pertsonaia bizkorra da. Erromantiko batek idatzitako lana da eta ez da batere moralista. Lan hau den bezala eraman nahi dugu oholtzara. Miren Olaetxea etxalartarra izanen da Karmen eta Jose baztandarra, Miel Joxe Ariztia amaiurtarra izanen da. Hori errespetatu nahi izan dugu, berezitasun moduan. Mériméeren testuan euskarazko elkarrizketak ageri dira, ezta? Bai. Euskararen aipamen aunitz, baita garai hartako Nafarroako legediaz ere. Ongi ezagutzen zuen Euskal Herria, eta bereziki Nafarroa. Beti aipatzen du Espainia alde batetik eta Nafarroa bestetik, ez bat eginik. Benetan oso lan interesgarria da alderdi askotatik.
news
argia-186e920f95cf
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/oki-moki.html
"Asmo handirik gabeko musika zintzoa da gurea"
Kepa Matxain
2017-09-10 00:00:00
"Asmo handirik gabeko musika zintzoa da gurea" Berlinen bata eta Bartzelonan bestea. Hainbat urtez kanpoan izan dira Paula Estévez eta Aritz Aranburu, ilustrazio eta diseinu kontuetan sartuta. Egun, elkarrekin bizi dira Getarian, eta etxean bertan ekin diote Oki Moki proiektuari. Ocean Breeze lehen diskoa argitaratu zuten iaz, pop melodia itsaskorrak gitarra zakarrekin nahastuta. Klase guztietako fanzinez, komikiz eta kasetez josita daude Dabadabako standak. Igande eguerdia da, ekainak 11, eta iluntzera arte luzatuko da Guillotina Festa, Donostiako autoedizio topaketa. Jendea mahaiz mahai ari da saltsan. Batzuk, bezperako ajeari buelta eman nahian, bainilazko irabiatuari zurrupaka, besteak, alaiago, marianitoa eskuan. Ezin panorama aproposagoa Oki Mokiren zuzenekorako, taldekide biek lotura estua izan baitute betidanik autoedizioaren munduarekin; are, Paula Estévez bera da jaialdiaren antolatzaileetako bat. 13.30ak aldera, Bilboko Niebla Fascistaren ondoren igo dira eszenatokira, eta berrogei minutu pasatxoan xehatu dute diskoa, pieza berriren bat barne. Lau egun lehenago, areto bereko terrazan eserita erantzun zituzten galderok. Otsailean hasi zineten zuzenekoak ematen, eta ordutik asko jo duzue. Ze sentsaziorekin zabiltzate? Kostatu zaigu soinu egokia topatzea. Bateriak pedal batean grabatuta ditugu, eta oso desberdina da entsegu lokalean edo eszenatoki batean entzuten duzuna. Lehen bizpahiru kontzertuetako soinua desastre samarra izan zen. Zikin puntu hori bilatu nahi genuen, baina pasatu egin ginen: bateriek, anplifikatzean, soinu kaotiko samarra ateratzen zuten. Beraz, berriro grabatu genituen, garbiago, eta geroztik erosoago gabiltza. "RIP, Eskorbuto eta abarren punk nihilista sartu zen indartsu hemen, beste talde batzuk popera gerturatzen ziren arren" Bateria jotzaile bat hartzea baztertzen duzue? Ez dugu baztertzen. Hala ere, espiritu praktikoa daukagu. Frantzian era horretako talde asko daude: bi instrumentuz osatuak, ahots ekipoa bozgorailuetan integratuta daukatenak. Ingurura egokitzen dira, entxufe bat dagoen edozein tokitan jo dezakete: ate izkinan, eszenatokiaren alde batean, kale bazterrean… hori gustatzen zaigu. Sentsazioa daukat Oki Mokiren berri ahoz aho zabaldu dela batez ere. Ez duzuela promozio handirik egin, alegia. Ez bereziki, baina orain arte bestelako proiektuetan egin duguna baino askoz gehiago. Facebooken kontu bat egitea, tarteka argazkiak igotzea… hori promozio lan handia da guretzat. Egia da, hala ere, bilatu gabe iritsi zaizkigula kontzertuak, elkarrizketak eta artikuluak. Bandcamp bidez abesti batzuk erosi dizkigute AEBetatik, eta hori sekulakoa da. Munduaren beste puntan zuk egiten duzunarekin flipatzen duen pertsona bat dagoela jakitea betegarria da, eta lanean jarraitzeko motiboak ematen dizkizu. Eta entzuleen aldetik nolako feedbacka jaso duzue? Jo ditugun kontzertu apurretan feedback ona jaso dugu. Ematen du Oki Mokiren duo formatu horrek lagundu digula jendearengana iristen, eta gustagarriak direla udako egun alaietako espirituz egindako kantuok. Lehengoan zapatilla zale batek esan zigun kasetea hamar aldiz entzun duela. Espero ez genuen jendeari entzuten dizkiogu halakoak. Badakite ze mundutatik gatozen, eta horregatik entzuten dituzte gure kantuak aurreiritzirik gabe. Nola sortzen dituzue kantuak? Normalean, aurrena melodia bat ateratzen dugu, eta mugikorrarekin grabatu. Zati horretatik tiraka pixkanaka kantua osatzen dugu, letra azkenerako utzita. Ze soinu bilatu edo nondik jo garbi duzunean, dena da errazagoa. Estiloa oso zehaztuta daukagu, biok dakigu zer nahi dugun. Dena hain zedarrituta edukita ez al dago arriskurik konfortean erortzeko? Bestelako talde bat bagina, esperimentalagoa edo, izan zitekeen negatiboa estiloa hain zehaztuta edukitzea. Konfortetik ateratzeak aberastuko gintuzke, kantu bakoitza litzakeelako abentura bat. Zerbait sortzen hasi eta non bukatuko duzun ez jakitea oso interesgarria da sarri. Aldiz, daukagun talde kontzepturako formula ona da hau. Sortze prozesuan sorpresa gutxiago izaten ditugu, baina dena da errazagoa. Asmo handirik gabeko musika zintzoa da gurea. Musikaz harago, sumatzen zaizue afinitate hori. Biak zarete diseinatzaile grafikoak, biak zatozte autogestioaren mundutik… Bai, mundu beretik gatoz, eta sortzerakoan oso antzeko gustuak dauzkagu. Horrek ez du esan nahi gatazkarik izan ez dugunik, baina oro har, biok gara lasaiak, eramanerrazak eta malguak. "Guretzat arrakasta ez dago ospearekin lotuta: musika lotzen dugu jendea ezagutzearekin, jende ezezagunaren etxeetan lo egitearekin..." Zertan izan dituzue gatazkak? Adibidez, bideoklipetan gure burua zenbateraino erakutsi erabakitzerakoan. Gu beti atzeko mundu horretan ibili gara, kontzertuak antolatzen, publiko orokorretik aparte, beti bigarren planoan… eta gure burua asko erakusteak bertigo puntu bat ematen digu. Orain, ordea, bideoren bat egitean sortu izan dira tentsioak, ze batek agian aurpegien planoak bere horretan utzita argitaratu nahi du, eta besteak nahiago du badaezpada aurpegiak ezkutatzea. Baina ondo daramagu kontua. Oki Moki bion proiektu pertsonala da, etxean sortua eta etxean grabatua. Bideoak ere bion artean egin ditugu, eta, hortaz, logikoa zaigu biok azaltzea. Pertsonaren irudia eta taldearena batera doaz. Gainera, guretzat arrakasta ez dago ospearekin lotuta, ezta salmentekin edota diruarekin ere. Musika lotzen dugu jendea ezagutzearekin, ezezagunen etxeetan lo egitearekin… Horrela esanda agian handikeria ematen du, baina askotan sentitu dugu –(Aritzek) Arrotzak taldearekin Frantzian zehar egindako biran, adibidez– badela oraindik gizaterian esperantzarik, dena ez dagoela galduta: izugarri zaindu gaitu jendeak. Horrek betetzen gaitu, eta ez kasete pila saltzeak, edo halako aldizkaritan ateratzeak, edo Facebook-en "atsegin dut"-ak jasotzeak. Koherentzia estetiko handia dute bideoklipek. Irudiak oso ondo ezkontzen dira musikarekin. Azken urteotan utzita genituen ikus-entzunezkoak, eta probatzeko gogoz genbiltzan. Kantu oso bisualak iruditzen zaizkigu. Udan grabatu genituen, eta biltzen dute udako aldarte alai hori. Izan balitz barrura begirako estilo ilunago bat, zailagoa litzateke bideora eramatea. Asko gustatzen zaigu post-punka, egin genituen kutsu horretako kantu batzuk hasieran, baina azkenean tonuz aldatu genuen. AEBetan asko dira kutsu hori duten taldeak. Minor Threaten gitarrak eta Cloud Nothingseko melodiak etorri zaizkit burura zuek entzun ahala. Bai, AEBetan talde pila ederra dago punk mundukoak izan arren amaitu dutenak zerbait poperoagoa egiten, oso musika alaia eta melodikoa. Euskal Herrian ez dugu halakorik ezagutzen. Badaude garaje-pop egiten duten batzuk, baina ez datoz punk mundutik. Hemen bi muturretan bizi dira popa eta punka: punk munduan melodia txikiren bat sartzen baduzu, betiko aurreiritziak ateratzen dira; eta, aldiz, pop munduko taldeak beti aritu izan dira arrakasta bila, kutsu komertzial hori izan dute, lurrazpiko eszenatik urrun. Gu, ostera, gaztetxe girotik gatoz, eta nahi izan dugu zerbait melodikoa eta alaia egin, baina jarrera underground horri eutsiz. Florida inguruan badago espiritu hori: hartu gitarra akustiko bat eta bi perkusio zati, sartu garaje batean eta sekulako festak egin, jende guztia zerbezak burutik behera botaz. Izan ginen halako jaialdi batean: nerd jendez lepo, denak zoratuta kantatzen. Eta pentsatzen genuen: "Hau baino punkyagorik!". Noski, musikalki ez zen hemengo punk matxo hori. Justu kontrakoa. Askoz melodikoagoa eta alaiagoa zen, eta letra politikoak baldin bazituen ere, bizipoza kutsatzen zuen, nihilismo auto-suntsitzailea beharrean. Egia da aipatzen duzuen jarrera hori ez zela askorik zabaldu inguruotan –Jotakie edo M-ak aipa litezke agian–. Zergatik izan daiteke hori? Euskal Herrian goizetik gauera igaro ginen Ez Dok Amairuko kantautoreetatik RRVra. Egia da bazirela talde batzuk –Zarama edo Hertzainak, adibidez– tarteka popera gerturatzen zirenak. Baina RIP, Eskorbuto eta abarren rollo nihilista izan zen batez ere indartsu sartu zena, eta popaz ari bagara, hurrena bururatzen zaizkigun taldeak La Oreja de Van Gogh eta tankerakoak dira. Inguruotako ze talde sentitzen dituzue gertuko? Musikalki, inor gutxi. Jarrera aldetik, berriz, aipa genitzake gure lokalean ibili diren taldeak: Petra edota Erroma. Edo Bilboko Killerkume. Getariako gaztetxean beti saiatzen gara apustu arriskatu samarrak egiten dituzten musikariak programatzen, eta Bilbon Killerkumeko biak ere ildo horretako kontzertuak antolatzen ari dira. Horiez gain, oso ongi moldatzen gara Vulk eta Sofa taldekoekin, besteak beste. "Gero eta jende gehiago animatzen da fanzineak egitera, baina bestalde, kontuak badu moda puntu bat ere" Zer dela eta atera duzue kasetea? Sareko plataforma bidez entzuten da musika gaur egun, CDa ere zaharkituta gelditu da… Gu kasetean hasi ginen musika entzuten. Gaztetan jende ezezagunarekin kaseteak elkarbanatzen genituen, posta bidez. Beranduago, Kriston Zintak zigilua sortu genuen Arrotzak taldeko batzuek, eta lokalean entseatzen aritzen ziren hainbaten grabaketekin 50-100 kopiako edizio txikiak argitaratzen genituen. Azken batean, kasetea formatu analogiko bat da, ibilbide luzekoa, fisikoki zure lana betirako izozteko moduetako bat. Badu kolekzionista kutsu hori eta, gainera, merkea da. Paulini Records zigilua ere sortu duzue. Ze asmorekin? Kontzertuetara maleta txiki bat eraman ohi dugu, fanzine, zinta eta abarrekin, eta aurrerantzean sortzen dugun materiala Paulini Records estalkiarekin argitaratu nahi dugu. Egungo baliabideekin oso erraza da norbera izatea musikari, bideogile, produktore… Trap musikaren mundua da adibiderik garbiena: jendeak ikusten ditu Youtubeko lau tutorial eta gai da horrekin sekulako bideoklipak egiteko. Hortaz, garai onak al dira Do it yourself mugimenduarentzat? Igandean [ekainaren 11ri buruz ari da] Guillotina Festa antolatu dugu hementxe, Dabadaban, eta ohartzen gara gero eta jende gehiago animatzen dela fanzineak edo bere musika autoeditatzera. Baina, bestalde, kontuak badu moda puntu bat ere. Bat-batean topatzen duzu norbait fanzine bakar bat egin duena horretarako diru laguntzak eskatuta. Edo bizi estilo oso altuko jendea autoedizioaren munduan sartuta. Edo igarotzen zara Kursaal paretik eta ikusten duzu klase horretako azoka bat antolatu dutela. Instituzioek ere oso bere egin dute ekitaldietan detaile txikiak zaintzeko joera hori… Baliabideen aldetik garai onak dira Do it yourself -arentzat, baina badago joera mugimendua esanahiz hustu eta azalekoarekin gelditzeko ere.
news
argia-608300f45840
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/katalunia-gogoan.html
Katalunia gogoan
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2017-09-10 00:00:00
Katalunia gogoan Hilabete eskas barru kataluniarrek demokratikoki erabakiko dute Espainiarekiko nolako harreman politikoak eta ekonomikoak nahi dituzten etorkizunean. Agidanez, Espainiako Gobernua bitarteko oro erabiltzen ari da kataluniarren nahiek porrot egin dezaten. Demokraziak Katalunian baliorik izan ez dezan, politikariak, botere judiziala, komunikabide gehienak eta intelektualak erabiltzen ari dira espainiarrak. Espainiarrek daukaten argudio nagusia legea da eta berau demokraziarekin identifikatzen dute: legea demokrazia da, legea ez betetzea demokraziaren aurka egotea da, alegia. Argumentu ahula. Izan ere, edozein diktaduratan ere legeak daude, Francorekin genituen bezala, baina demokratikoak izatetik urrun; legeak edozein harreman arautzeko izan behar du eta harreman horiek indarrean dagoen esparru juridikoan ez badira behar bezala egokitzen, legea aldatzea besterik ez da gelditzen. Hori da Kataluniari gertatzen zaiona gaur egungo espainiar legediarekin eta espainiar agintariak argudio nagusi gisa erabiltzen ari dira, tranpa eginez. Oroitu behar dugu Manuel Fraga ministro zaharrak zioena: Katalunia arazoa izango da Espainiarentzat eta euskaldunen arazoa diruarekin konponduko da. Arrazoia zuen, honezkero ikusten ari gara EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren jokaera tamalgarria Kataluniarekiko Bestalde, azpimarratu behar da kataluniarrak oso zuhurrak izaten ari direla prozesu guztia gardena eta demokratikoa izan dadin, mehatxu izpirik erabili gabe. Jokaera horrek are gehiago zaildu die bidea espainiarrei. Oroitu behar dugu Manuel Fraga ministro zaharrak zioena: Katalunia arazoa izango da Espainiarentzat eta euskaldunen arazoa diruarekin konponduko da. Arrazoia zuen, honezkero ikusten ari gara EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren jokaera tamalgarria Kataluniarekiko. Kataluniarrek, ohikoa den bezala, hobekiago bizi nahi dute eta hortik independentzia zale andana ateratzea, Espainiako eliteak ezinezkoa egiten baitie dagokien bizi-mailara heltzea. Ezintasun horren ardura Madrilek dauka, Estatuko hiri nagusia dirua irensten duen "zulo beltza" bilakatu baita, egiturazko arazo bihurtu delarik asegabeko diru publikoaren egarria: Bankia (23 mila milioi), premiarik gabeko autopista radialak (3,5 mila milioi), Barajas hobetzeko inbertsio erraldoiak, eta aldiz, Prateko aireportukoak arbuiatzen dituzte. Halaber, ez da ahaztu behar Madril inguruko errepideak dohainik direla eta bitartean Katalunian ordaindutakoak. Eta horrela jarraituko genuke kasuak aipatuz, zeinek haserrea areagotu duten kataluniarren artean. Edozein herrialdek ongizatea eta jendartean aukerak garatu nahi baditu, hezkuntza sistemak garrantzi ezinbestekoa dauka eta zeregin horretan bekak aipatu beharrekoak dira. Arlo horretako datuen arabera, Estatu osoko beken erdia baino gehiago Madrilen banatzen dira eta hamarren bat bakarrik Katalunian. Oro har, zenbait zenbatespenen arabera, Estatu zentralistak 15-16 mila milioi euro kendu zizkion Kataluniari 2006 eta 2007an; beste batzuen kalkuluen arabera, defizit fiskal hori urtean Kataluniaren BPGren %5,75ekoa da. Beraz, zenbaki oso potoloak dira ekonomia garapenean aurrera egin nahi duen edozein herrialderentzat. Informazio honek guztiak gardenki adierazten digu Kataluniako zerbitzu publikoak hobetze aldera inbertsio publikoak egiteko diru gehiago izango lukeela independentea balitz. Haatik, egoera tamalgarri honek begi-bistakoa egiten du hainbat eta hainbat kataluniar independentziaren alde bilakatzea, ezinezko baitzaie, Espainiaren baitan egonik, bizi-maila duinagoa erdiestea. Amaitzeko, Kataluniaren independentziak, zalantzarik gabe, ikusita zer-nolako eragin ekonomiko negatiboa izango duen Espainiako Estatuan, diru iturri garrantzitsua galtzea ekarriko du, eta ondorioz gure Hitzarmen Ekonomikoa ere arrisku egoeran sartuko litzatekeela deritzot. Orduan ikusiko dugu noraino den aldebikoa euskal zerga sistema edo Hitzarmen Ekonomikoa. Zorte onena Kataluniari!
news
argia-1a01ab610c22
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/adrian-odriozola-genetika-kirola-eta-ikerkuntza.html
"Dopin genetikoa negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat"
Oier Aranzabal
2017-09-10 00:00:00
"Dopin genetikoa negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat" WADA (World Antidoping Agency) erakundearen arabera, 2008tik erabiltzen da dopin genetikoa. Baina oraindik ez da kasu bat bera ere ezagutu. Ez baitago detektatzeko modurik. Adrian Odriozola EHUko genetika irakasleak eta bere kideek, diru faltagatik, bertan behera utzi behar izan zuten detekzio sistema aurkitzeko abian zuten ikerketa. Hala ere, kirola eta genetika uztartzen segitzen du Odriozolak berak sortutako KirolDNA enpresan. Zenbat dugu genetikotik eta zenbat bestela? Ezaugarri bakoitzaren arabera, portzentaje bat da genetika eta portzentaje bat da ingurua. Esan genezake %30-80 bitartean izan ohi dela genetikoa. Egia da laborategi batean diseinatu daitekeela atleta perfektua? Ez, zehazki. Genetikaren esparrutik, gure errezeta liburuan gordetzen dugu informazioa. Esan bezala, portzentaje handi batean nolakoak garen definitzen du liburu horrek. Gaur egun gai gara liburu hori nahieran editatzeko. Baina liburu hori, parte batean, guretzat Matrix bezala da, kodifikatua dago eta ez dakigu aldaketek zer eragin dezaketen. Hartu dezagun eritropoietina (EPO) sortzeko prozesuan eragiten duen genearen kasua; saguetan eta tximuetan ikusi da genea bikoiztu daitekeela, eritropoietina gehiago sortzeko. Alegia, gene bat aldatuta, definitu daiteke gorputzak zenbat EPO sortuko duen? Hori da. Errezetara joan gaitezen berriz. Zuk patata tortillaren errezeta bat duzu, baina genea bikoizten baduzu, patata tortilla bikoitza sortuko duzu. Edo errezeta horren ondoan seinale bat duzu, adierazten duena zenbat tortilla egingo diren. Bat jartzen zuen lekuan bi jarriz gero, bi tortilla egingo dituzu. Liburu hori interpretatzen ikasten ari gara gutxika. Geroz eta gehiago dakigu. Bi kontu ezberdin dira, batetik liburua editatzeko gai izatea eta, bestetik, berau interpretatzeko gaitasuna izatea. Baina nola editatu pertsona baten liburua? Bektore birikoak erabiltzen dira. Birusak duela 5.000 milioi urtetik diseinatuta daude zelulara joan eta beren material genetikoa sartzeko. Birusak "jaurtitzaile" gisa erabiltzen dira? Bai, baina lehenengo zati patogenoa edo kaltegarria kenduta. Haren ordez zuri interesatzen zaizun sekuentzia sartzen badiozu, birusak ibilgailu lana egiten du zelularaino, hura genetikoki eraldatzeko.  Teknika horrekin paziente baten begien kolorea aldatu dezakezue? Bai, teorian bai, hori baldintzatzen duen genea zein den zehazki jakinda. Zer eragin negatibo izan ditzake horrek? Bada, horrela hitz eginda sinplea badirudi ere, oso konplexua da, errezetak elkarren artean komunikatuta baitaude. Eta zaila da jakitea aldaketa batek zer ondorio izan dezakeen. Eragin batzuk ikusten ditugu, baina ezin da jakin oraindik beste albo-aldaketa batzuk eragin ditzakegun ala ez. Mutazioak sortzeko arriskua ere hor dago. Terapia genikoaz ari gara, ezta? Bai. Gaur egun teknika horiek hainbat gaixotasun sendatzeko erabiltzen dira. Nik dakidala, sei farmako gutxienez badaude egun, teknika horietan oinarritzen direnak. Milaka ikerketa daude eta teknikak asko ari gara garatzen, osasungintzan oso interesgarriak direlako. Kiroletako dopinerako ere bai. Betikoa da. Atal zehatz batzuk aldatuta, jakin badakigu kirol errendimendua ikaragarri hobetu daitekeela. Indarrean, erresistentzian edo minarekiko daukagun sentikortasunean esaterako. Auto bat tuneatzea edo geure gorputza hackeatzea bezala da? Horixe bera. Ihes hodia aldatu duzu eta pixka bat azkarrago doa autoa, baina, zenbat soinu eragiten du? Zenbat gasolina behar du orain? Niri alde ona azpimarratzea gustatzen zait, ikaragarria delako. Eta zein da honen guztiaren alde ona? Alde ona da gaixotasun gehienen arrazoia akats genetiko bat izan ohi dela. Gaixotasun horien sorburua, askotan, errezeta liburuko hizki soil batean dago. Hori aldatzeko gai bagara, gaur egun sendaezinak diren gaixotasun asko sendatu ahal izango ditugu. Teknika hauek garatu eta merkatuz gero –orain milioika euro balio dute– pertsona bakoitzarentzako farmako bat lortuko dugu. Badira haur asko gaixotasun genetiko oso arraroekin jaiotzen direnak, eta gaur-gaurkoz ez dago aukerarik bakoitzarentzat farmako bat sortzeko. Farmazeutikei ez zaielako interesatzen, besteak beste. Gaur egun ba al da kirolari transgenikorik? Ezin dugu jakin, ez baitugu tresnarik dopin genetikoa detektatzeko. Jakina da ordea, teknikoki posible dela egitea. WADAk (World Antidoping Agency) esaten du 2008tik, Beijingo Joko Olinpikoetatik, dopin genetikoa aplikatzen dela. Horregatik inbertitu ditu milioi dolar asko haren ikerkuntzan. Rioko Joko Olinpikoetan zer edo zer egiten hasi ziren dopin genetikoaren aurka. Detekzio motaren batekin hasi ziren, baina azkenean atzera egin zuten. Ez baitzen behar bezain fidagarria. Laginak, aitzitik, gorde egin zituzten etorkizunean ikertu ahal izateko. Dopin genetikoa garestia da? Bai, baina ekonomikoki negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat. Terapia genikoan, horrelako farmako bat garatu eta pertsonei aplikatu ahal izateko, 2-6 milioi euro behar dira. Hori merkatu daitekeen? Ba agian, prozesu ilegal batean, fase batzuk kenduz gero bai. Hori bai, komertzializatuz inbertitutakoa baino diru gehiago irabaziko dute ziur. Oso iluna da dopinaren mundua, iluna bezain errentagarria batzuentzat.
news
argia-0ed7805f064d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/106-urteko-bizkotxoa.html
106 urteko bizkotxoa
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-09-10 00:00:00
106 urteko bizkotxoa Antartikan, Adare lurmuturrean, Huntley & Palmers enpresak duela 106 urte fabrikatutako fruta-bizkotxo bat aurkitu dute, jatorrizko paperan bilduta eta herdoildutako metalezko kaxa batean. Adituen ustez, bizkotxoa Robert Falcon Scott buru zuen Terra Nova espedizioak (1910-1913) eraman zuen bazter izoztu haietara, hainbat agiritan idatziz jasota geratu baitzen espedizioak halako produktuak kontsumitu zituela. Eta gainera, duela hilabete batzuk inguru hartan Edward Wilsonen espediziokidearen akuarela bat aurkitu zuten. Arduradunen esanetan, "bizkotxoak gurin minduaren usain pixka bat du, oso-oso arina, baina horrez gain, erabat jangarria da". Scott eta Wilson espedizioan hil ziren, baina bizkotxoak iraun egin zuen.
news
argia-da1e1940477e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/irakurleak-esan-dezake-liburua-txarra-dela-baina-hori-ez-da-zure-kulpa.html
"Irakurleak esan dezake liburua txarra dela, baina hori ez da zure kulpa"
Mikel Asurmendi
2017-09-10 00:00:00
"Irakurleak esan dezake liburua txarra dela, baina hori ez da zure kulpa" Literatura Unibertsala sailarekin batera sortu zen Igela argitaletxea, 1989an. Hiru tolosar ziren, bi irakasle –Joseba Urteaga eta Xabier Olarra– eta grafista bat. Ikasleei literaturan zaletzeko eman behar zizkieten testuak ekarri nahi zituzten. Irakurketa arineko liburu eskerga –nobela beltza, besteak beste– eta klasiko andana itzuli dituzte harrezkero. James Joyce idazlearen Ulises nobelaren inguruan jardun dugu Olarrarekin, nobelaz eta itzulpengintzaz. Bera dugu literatur klasiko honen itzultzailea. XX. mendeko literaturaren gailur gorenetako bat. 2015eko irailaz geroztik Ulises euskaraz irakur dezakezu. Ulises obsesioa bihurtu zitzaion Xabier Olarrari. Bi urte iragan dira nobela Igelak argitaratu zuenetik. Alta, oraindik ere, lan erraldoiaren ondorioak bizi ditu: "Hainbeste lan hartuta denboraldi batean, deskantsua merezia nuen nonbait. Geroztik ez naiz ezer seriorekin hasi, lankideek itzultzen dutena begiratzen dut gehienbat. Editorialeko funtsezko lana denez, bada, horrek ekarri nau zuzentzera, iritzia eta aholkuak ematera", esan digu solaskideak. Zer da Ulises Xabier Olarraren bizitzan? Hiru urte eskaini dizkiodan liburu bat. Lehenbiziko inpresioa da, Ulises alde batera uzten duzunetik eguneroko bizitza asko luzatzen dela. Hau da, lan horrek hiru urtetan eguneroko 24 orduak kentzen badizkizu, nolabait esateko, behin hori bukatu duzunean, liburuaren presiorik gabe, sentitzen duzu badagoela denbora beste edozein gauzatarako. Lan luzea eta saiatuaren emaitza berriz, nola baloratu duzu? Bada, egia esan, inor gutxik espero zuen, baina irakurle batzuk baditu. Hotz-hotzean pentsatuta, salmenta irakurle edota erosleen aurreikuspenen paretsuan joan da, eta ez da gutxi. Azkeneko atera genituen nobela beltzak, hain irakurketa erraza zutenak, haiek halako hiru saldu ditu Ulises- ek. Beraz, publikoak bazuen irrika, edo agian guk sorrarazi dugun nahikaria izan da. Nik esango nuke, gutxienez, Ulises euskaraz ikusteko gogoa bazegoela. Euskal literaturak Ulises behar zuen, alegia. Ikuspegi linguistiko eta literariotik hartu da inpresio hori. 1979n, Ulises katalanez atera zenean, adibidez, Joxe Azurmendik halako zerbait esan zuen. Alegia, une hartan ez ote zen itzuli behar galdetu zuen nolabait. Literaturari alde guztietatik bide eman behar zitzaiola esan zuen, UZEI (Terminologia eta Lexikografia Zentroa) egiten ari zen normalizazio lanaren bidean lagundu aldera. Katalanak urrats handia egin zuela adierazi zuen Joxe Azurmendik hizkuntzaren normalizazioaren bidean, Ulises -i esker. Garai hartan atzerriko literaturaren itzulpenaren inguruan hainbat ezbai zebilen. Ulises euskaratzea erronka zen. Hor nonbait. Edorta Jimenezek helarazi zidan mezu bat esanez, euskara ez zela benetako hizkuntza normalizatua Ulises euskaratua izango zen arte. Baina, hori bere interpretazioa izan zen. Joxe Azurmendik ez zuen horrelakorik sekula esan. 1979. urte aldean, ezbaian zegoena hauxe zen: "Zein arloan jarri behar da indar gehien?" Guk, ordurako, Gabriel Arestik eta bere belaunaldiko besteek literaturaren arloan ireki zuten bidetik egin beharra ikusten genuen, horrek zabalduko zuela bidea. Aldi hartan ere aztergai zen, hizkuntzaren alorrean UZEI egiten ari zen bidetik, nondik jo. Bidea hobeto eta gehiago urratzeko modua eztabaidan zegoen. Nolanahi ere, pentsatzen zen itzulpen katalanak normalizazioari bultzada eman baldin bazion euskaraz ere hala izan zitekeela. Egia esan, 1979an literatur arloan ez zegoen behar adinako kilometrajea eginik Ulises -i ekiteko. Bidean geratua zen eta halako batean guri bururatu zitzaigun "auzi" horri erantzuna ematea. Nobelaren inguruan  pasadizo harrigarri bat dago. Literatura solas-gunetan esan izan da Gabriel Arestik itzuli zuela. Pentsatzeak berak erabat zurtuta laga nau. Sinesgaitza dirudi… Eta ez zuen ziur aski itzuliko. Anekdotatik du gehiago egiatik baino, nik ere ez dut sinesten. Aresti aritu zen T. S. Eliot-en Four Quartets ( Lau Quartetto ) itzultzen, [Giovanni Boccaccio-ren] Dekamerone tipi bat eta beste. Egiari zor, Arestik sekulako itzulpenak egin zituen, baina ez dut uste hori egia izan litekeenik. Areago, Guardia Zibilek kontrol batean Ulises nobela euskaratua –edo parte bat gutxienez itzulia– kendu ziotela pentsatzea are sinesgaitzagoa da. Arestiren Ulises -en inguruan zabaldua Jon Juaristik aipatua da, antza. Hari egotzi diote pasadizoa. Hala ere, Juaristik ez du kontrol batean gertatu zela esaten; esan ohi du poliziak Arestiren etxea erregistratu zuela eta testua eraman zutela. Euskaraz dago gaur egun. Zer da euskal literaturgintzan? Hor dago, itzulitako beste 8.000 lan horien artean. Guk apustu egin genuen eta euskarazko literatura gailur horretaraino igo da. Edo kritikek behintzat jarri dute gailur batean, panorama horretan leku hartu du. Hain liburu aberats eta zailtzat jotzen dutenez, eta guretzat ere hala zen, bada, pasa beharreko lekura pasa da, zaila izanik ere: literatur zaleen txokora pasa da, mitoa bilakatu den liburua baita, euskarari berezko estatus bat ematen dio, literatur zaleen ikuspegitik haien nahia bete dugu behintzat.    Zein dira liburuaz jaso dituzun oihartzunak? Irakurri al da? Kasuak bakanak dira irakurri eta zerbait esan dutenak. Badago ere "bigarren bueltan ekin behar izan badiot ere, hasi naiz serio-serio irakurtzen" esan diguna. Edorta Jimenezek esan zuen "hasi naiz, eta beste baterako utzi dut". Hala ere, ez dago pentsatzerik, horrek beste nobelek funtzionatzen duten bezala funtzionatu ez duenik. Alde horretatik, nik ez daukat kexarik. Gure prentsan bizpahiru aipu agertu ziren, izan ere, Ulises nobelak, lehendik ez baduzu irakurria, prudentzia pixka bat eskatzen du. Gure inguruan J. M. Valverderen gaztelaniazko edizioa ezagutzen genuen, bi tomotan. Hura ezagututa, zuen edizioa "adreilu ederra" da. Kontent egoteko modukoa da.  Liburu ederra da estetikoki. Jose Mari Valverderen edizioa merkea da. Gaur egun, horrelako margenekin ez luke inork argitaratuko. Ez hori bakarrik. Ulises 781. orrialdean bukatzen da, hemen bukatzen da [Olarrak liburua eskuetan seinalatu digu liburuaren zabalera, 1.017 orrialde ditu], horretarako dauka bigarren hari bat. Valverdek esaten zuen ez zeukala inolako zentzurik oharrak jartzeak. Izan dira hori pentsatu dutenak. Nik laburtu dudana da Ulysses Annotated . Pertsona batek pasa bazuen bere bizitza osoa Ulises-en oharrak antolatzen, ez bakarrik hori, baizik James Joyce-ren beste liburuenak ere bai, aintzat hartzeko modukoa da. Ni Ulises irakurtzean, itzuli baino askoz lehenago, sarritan trabatzen nintzen, ez nintzen VI. kapitulutik aurrera pasatzeko gauza. Gazte garaian, liburua irakurtzen hasi eta salto egiten genuen Molly Bloom pertsonaiaren monologo ospetsura. Ingelesez lehen aldiz irakurri ahal izan nuenean, edizio ohardun bat irakurriz lortu nuen. Valverdek bere edizioa ateratzean, oharrek traba egiten zutela zioen, jakina, oharrak itzultzea eta gehitzea lan itzela baita. Kontua da, nire ustez, Valverdek itzuli eta irakurleari bota ziola obrak berekin daraman pisu guztia. Horrekin lotzen da Ulises izatea irakurle frustratu gehien sortu duen obra. XX. mendeko nobela esanguratsuenetariko bat da. Lanak ematen ditu irakurtzen. Horregatik, 3.000 ohar baino gehiago erantsi dizkiozu.   Bai, eta hori egiteko badago nahi adina gida. Batzuek diote liburua irakurri behar dela datorren bezala, inongo gidarik gabe, sartu eta aurrera. Beste batzuek diote, "nondik nora noan jakinda ziur aski errazago iritsiko naiz azkenera". Horregatik bukaeran eskema  batzuk daude, Stuart Gilbert-enak.Joyceren exegeta bat. Odisea obraren berrinterpretazioa da, XX. mendekoa, Odisea ren azalpena ematen duena. Hori argi izan behar du irakurleak, nondik nora doan jakiteko. Bestalde, adibide baterako, James Joycek Featherbed mendia aipatzen du, baina mendi horren nondik norakoak ez ditu argitzen: mendiak zer balore zuen irlandarrentzat? Bertan, XIX. eta XX. mendeen artean milaka pertsona bildu omen ziren, independentziaren bidean. Pasarte hori argitzeko edizio soil bat beharko litzateke. Guk erreferentzia asko eman dugu; hala ere, beste asko gelditu dira ezkutuan. Nobelaren irakurketan oztopo ez egiteko, oharrak tamainan eman ditugu. 50 urte pasa eta gero, berriz itzuli beharko dela pentsa al daiteke? Ziur aski, bai. Har ditzagun, esaterako, beste liburu batzuk: duela 25 urte itzulitako [Francis Scott Fitzgerald-en] Gatsby Handia eta [Herman Melville-ren] Bartleby eskribatzailea nobelak iaz berritu genituen, lehena nik eta bigarrena Juan Garzia Garmendiak. Itzuli genituenean ez zegoen Hiztegi Batua, esaterako. Bakoitzak genuen euskararekin eta irakurtzean barneratzen genuenarekin aritzen ginen, ez genuen beste irizpiderik. Itzulpengintza aurrera joan den heinean, baliabide gehiago ditugu, beraz, orain 25 bat urte egindako itzulpenak bere horretan argitaratzea itsusi samarra iruditzen zait, gu saiatzen gara halako liburu bat agortzen bada berritzen eta gaurko egoerara ekartzen. Ulises -ekin ere ziur aski ez gara alor guztietara iristeko gai izan. Beraz, hemendik 50 urtera Ulises-ekin gertatuko da beste bi horiekin gertatu den bezala, klasiko guztiekin gertatzen da hori.   Zuk esana da: "Itzulpenak badu abantaila bat sormen lanaren aldean, hobetu daitekeela".  Irakurleek barneratuta dute hori? Irakurle gehienek pentsa dezakete gure lana kopiatze hutsa dela eta gure buruari inportantzia ematen diogula. Baina askotan gertatzen da, testuak datozen bezala emango bagenitu, dezenteko deskalabrua litzatekeela. Itzultzea testuaren garaiko egoerara egokitzea da, bere garaiko testuingurua nola eman asmatzea. Idazketaren ahalegin horretan asmatzea da itzulpenaren funtsa. "Itzulpengintzan traizioa egin behar da, baina jakin behar da ongi egiten" Gabeziak gabezia, euskararena hizpide, generoa eta beste, hitanoaren erabilgarritasuna mesederako izan da Ulises- en. Euskarak baditu bere abantailak eta desabantailak. Desabantaila da esaterako, femeninoak ez izatea marka hitzetan; aldiz, aditzetan badauka, horrek erraztu egiten du irakurketa. Hau da, hitanoa zergatik da Ulises nobelan hain inportantea? Bada, norberak bere buruarekin egiten dituen elkarrizketa horiek euskaraz hika eman daitezkeelako. Euskaldunek hika erabiltzen zuten bakarka mintzatzean. Hartaz, narrazioetan tartekatzen diren pasarte horiek nabarmendu daitezke, eta beste hizkuntzetan ez. Hitanoa jartzean, badakizu pertsonaia hori pentsatzen ari dela, horretan abantaila ematen digu hika formak. Molly Bloomen monologoak eman du zer esana beti, eta zuk euskaraz emandakoak areago nonbait. Hikan emana dago, eta emakumeari dagokionez, noka. Koldo Mitxelenak esaten zuen, eta nik hainbat buelta eman diot horri, emakumezkoak ere bere buruari zuzenean ari ez zenean toka egiten zuela, erabilera neutroan edo ez-markatuan, alegia. Bere buruari ari izanez gero, demagun bere buruari ispiluan zuzenean, "hi aiza n , eroa", esango zuen. Beraz, badirudi, printzipioz, toka beharko zuela monologo horrek. Nik, hala ere, pentsatu nuen, emakume baten goizeko ordu-bietako burutazioak izanik, bada intimitate horretan, bera bere buruarekin ari dela, justifikatuta egon zitekeela noka aritzea; eta orduan erabaki nuen hala egitea, besteak beste, garaiak ere –emakumearen berdintasunerako bideaz ari naiz zehazki– horrela datozelako. Maila sozialean araua toka izatea patriarkalismoarekin lotua egon daiteke seguru aski, hori izango zen neutroa, baina aldaketak bestalderantz doazenez... Dena dela, liburuaren sarreran arazo honi eta beste gai korapilatsu batzuei emandako irtenbideen berri zehatzagoak emanak daude. Ulises-en eragina izugarria izan da. Badira harrera ona egin ziotenak, eta estu hartu zutenak…   Batzuek diote liburua aspergarria dela, ez duela ezertarako balio, horrelako iritzi deskalifikatzaileak badira. Juan Benet idazleak zioen James Joycek "barne monologoa asmatu zuen, balorerik ez duen molde aspergarria". Nik uste, oro har, barne monologoei garrantzia eman zaiela literaturan. Horrelako iritziak oso jende "xelebrea"-renak dira, bere burua nabarmentzea maite dutenenak. Literaturan autoritateak T. S. Eliot, García Márquez edota Faulkner dira, beraz, Benet horien imitatzailea denez gero, bigarren eskuko patenteduna, zer ari da kritikatzen? Zer da hizkuntza zure bizitzan? Gauza asko. Besteak beste, mundu hau ulertzen saiatzeko modu behinena, harremanetan horrek bereizten gaitu beste animaliengandik. Partikularki, ene bizitzan, euskara, eta etxetik hasteko, etsaien kontra eta sikatearen kontra, eta kristo guztiaren kontrako mintzoa izan da. Gure aitona-amona, aita-ama eta konpainiak mantentzea erabaki zuten eta horrek bere karga politiko ideologikoa eta sentimentala eman zizkion euskarari. Hizkuntza modu batean bizi du bakoitzak eta guk horrela bizi izan dugu. Behinola, lagun batek esan zidan, "zergatik ez duzue erdaraz argitaratzen?". Bada, horretarako beste batzuk daudelako. "Nik euskaraz argitaratzeko ez balitz, ez nukeen argitaletxe bat sortuko", esan nion.    "Euskaraz argitaratzeko ez balitz, ez nukeen argitaletxe bat sortuko" Euskarak itzultzaileak behar zituen. Pott bandakoek esaten zuten haiek idazten hasi zirela, beraiek ez zituztelako aurkitzen euskaraz nahi zituzten liburuak. Bada, gu ere, beste modu batez, euskaraz aurkitzen ez genituen liburuak itzultzen hasi ginen, beste aukera eta beste bide bat da, lotsatiagoa ziur aski. Sorkuntzan zu nabarmena zara, idazle zaren aldetik, itzulpengintzan erantzukizuna ez da zurea. Erantzukizuna idazlearena da, irakurleak esan dezake liburua txarra dela, baina hori ez da zure kulpa. Topikoa da, baina zuk nola bizi duzu traduttore traditore delakoa? Traizioa egin behar da, baina jakin behar da ongi egiten. Etorkizunean, egungo idazleen literatura imitatu beharko da? Nik uste baietz. XX. mendean behar zen literatura egin dute gure idazleek, eta ez soilik euskara landu dutelako. Alegia,  lortu dute ere beste hizkuntza handietatik, hala nola espainieratik edo frantsesetik etorritako korronte literarioak euskarara ekartzea, eta orain elkarrekin goaz beste hizkuntzekin. Hori 60ko hamarkadan gertatzen hasi zen, orduko autore horiek egiten hasten dira Europan egiten zenaren parekoa. Egunero hasten delako [Ramon Saizarbitoriaren nobela] Frantziako Nouveau roman delakoaren ildoan, eta  ondoren 100 metro bi adibide dira. Iragan mendean nahiz honetan egiten ari den euskal literatura munduko literaturaren parekoa da, ez bakarrik euskararen garapenari dagokionez, literaturan ere izugarrizko urratsak eman dira gure idazleei esker. Problema bakarra da, gure seme-alabek zer estimu ematen dioten horri, baina beno,  baliabidea hor dago, hor dute tresna. Tresna horrek eragin al du gazteengan? Euskararen munduan eragin gutxi du. Euskal idazleek aintzat hartu dute literatura unibertsala euskaraz? Batzuek bai, baina minoria dela uste dut. Argitaratu dena funtsezkoa da, baina euskal idazleek horren parte handi bat irakurria izango zuten gaztelaniaz edo beste batzuek frantsesez. Gero euskaraz argitaratu da, baina salbuespena da idazlea euskaratutako testu horien irakurlea izatea. Baina, belaunaldi gazteetako idazleek badute aukera, beharbada, irakurri ez duten libururen bat edo autoreren bat euskaraz irakurri ahal izateko. Zer egingo duten? Gutxi batzuek jarraitzen dute eta gehienek ez, baina nire inpresioa baino ez da.
news
argia-8ffa8803af28
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-09-10 00:00:00
Irakurleak galdezka Kaixo Jakoba. Veza soloari buelta eman ostean ortuariak landatu edo erein baino lehen karea dantzatzea egoki? Juan de Atxirika (Murueta) Kaixo Juan. Veza deitzen duzun hori Vicia sativa dela uste dut. Gazteleraz veza eta arveja deitzen zaio. Euskaraz zalkea, eta duela gutxi esan didatenez txirta. Lekaduna da zalkea, beraz lurra nitrogenoz aberastu egiten du. Bere ostean ondoen etorriko diren ortuariak hostoa aprobetxatzen diegunak dira: eskarola, zerba, letxuga, ziazerba... Kareari dagokionez, jeneralean nitrogeno asko dagoen lurretan mesede handia egiten du. Dantzatu lasai. Nahi baduzu errautsa, kareharri xehetua edo kare bizia edo hila erabili.
news
argia-6047dcac622c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/diadatik-kataluniako-errepublikari-begira.html
Diadatik Kataluniako Errepublikari begira
Xabier Letona
2017-09-10 00:00:00
Diadatik Kataluniako Errepublikari begira Gainean da irailak 11, Kataluniako Diada. Bereziak izan dira azken seiak eta bereziagoa izango da aurtengoa: urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma egingo da. Nola? Inork ez daki. Madrilgo Gobernuak dio ezetz, Kataluniakoak baietz. Aste honetan orain arteko desobedientzia fase gogorrenari ekingo diote Kataluniako instituzioek. Nola irudikatzen duzu erreferendumaren egunaren hasiera? "Ez da erabateko normaltasuna izango duen erreferenduma, mehatxuak eta deslegitimazio saioak hor izango direlako azken minutura arte. Seguruenik, ez gara joango bozka ematera goizeko 9etan edo 8etan, 6etan baino, erabateko bermea emateko, hauteskunde guneak zabaldu ahal izan daitezen, sabotajeak saihesteko. Horrela hasiko dela irudikatzen dut, eta ez dut uste etxean bukatuko denik. Hauteskunde guneak ixten direnean kalean egon behar dugu, baiezkoak irabazten badu Estatuak emaitza hauek deslegitimatu egin nahiko ditu eta mobilizazioen bidez eutsi beharko zaie". Albert Botran CUPeko diputatuak El Mon agerkari digitaleko elkarrizketa batean esandakoa da. Gaur egunetik begiratuta ez da samurra irudikatzea une hori iritsi daitekeenik ere, baina  iritsiko da eta, Kataluniako Legebiltzarra eta Gobernua azken urratsak ematera doaz urriaren 1ean erreferenduma egin dadin: "Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?". Horra herritarrek erantzun beharko duten galdera. Kataluniako Gobernuaren esanetan, baiezkoak irabazten badu, urriaren 2an Kataluniako Errepublikari abiada emango zaio, joan den astean aurkeztutako Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea bidez –Deskonexio Legea moduan ere ezaguna–. Ondo ezkutuan, baina ia 10.000 hautetsontzi ere prest ditu jada Generalitateak.   Argazkia: ANC Espainiak ez ei du legedi berezirik aktibatuko Zer egingo du Espainiako Gobernuak erreferenduma saihesteko? Hori da denon ahotan dabilena eta Mariano Rajoyk bapo gordetzen duena. Hilabete luzetan asko hitz egin da hainbat aukeraz, horietatik entzutetsuena Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua da. PPk aitortu du ez dagoela berau indarrean jartzeko denborarik –lau bat hilabeteko prozedura eskatuko luke– eta, gainera, uste du une honetan ez litzatekeela komeniko. Horrela uste du behintzat Madrilgo botereen zirrikituak ondo ezagutzen dituen Enric Juliana La Vanguardia- ko analistak uztailaren amaieran sinatutako artikuluan. Honen ustez, Madrilen "155eko Klubekoak" gogor presionatzen ari dira, baita Carles Puigdemont Generalitateko lehendakaria atxilotzeko ere, baina PP ez ei dago jarrera horretan. PPk nahiko luke Julianak Aranzadi Brigada deitzen duenarekin, hau da, zuzenbide estatuak duen sare judizial zabala erabilita, salbuespenezko ezer aktibatu barik.    La Razón egunkari eskuindarrak abuztuaren 30ean argitaratu zuenez ere, ildo juridiko hori nagusituko da eta Espainiako Gobernuak bata bestearen atzean jarriko ditu helegiteak Kataluniako instituzioek erreferenduma egiteko lege, dekretu edo arauak onartu ahala. Egun berean, Espainiako Gobernuaren ordezkari Enric Millók Catalunya Radion egindako adierazpenetan lerro bera berretsi zuen: oraingoz ez da bertan behera utziko autonomia eta ez da Puigdemonten inhabilitaziorik izango, "baina ez da erreferendumik egongo". Millóren esanetan, 2014ko erreferenduma eta oraingoaren artean badira desberdintasunak: "Oraingoan Auzitegi Konstituzionalak bost aldiz debekatu du erreferenduma". Merezi du gogoratzea, 2014an ere debekatu zuela azaroaren 9ko kontsulta, bezperan debekua berretsi egin zuela eta azkenean egin egin zela. Baina oraingoan kosta ala kosta debekatuko duela dio Madrilek. Nola? Pista bat bederen utzi zuen Millòk neurrien moldeaz galdetu ziotenean: "Bozketa fisikoki saihestuta, ez zait beste modurik bururatzen", erantzun zuen. Eta nork egin dezake hori? Estatuko Segurtasun Indarrek. Baina nork? 17.000 mossoek, bestela ez da samurra salbuespen egoerarik gabe milaka espainiar polizia eta guardia zibil barreiatzea Katalunian zehar bozka-ontziak bahitzeko. Auzitegi Konstituzionalak erreferendumaren aurka emandako ebazpenen markoan hainbat neurri eska ditzake Moncloak, eta badirudi oraingoan Estatuko fiskaltza mugituko duela horretarako. Oso gaitza da fiskaltzaren eskariz epaileren batek hauteslekuetan bozka-ontzi guztien bahiketa agintzea mossoei, baina dena da posible. Gainera, aukera honek indarra hartu zuen abuztuaren 29an PSOEko diputatu Margarita Robles epaile ezagunak berau haizatu zuenean: ez zuen polizia zuzenean aipatu, baina argi adierazi zuen justiziak delitua saihestu behar duela, eta kasu honetan erreferenduma. Adierazpen hauen bidez, PSOEk erabateko sostengua eman dio PPri aukera horretan. Edozein modutan ez da horren samurra izango eta Vicent Partal Vilaweb -eko zuzendariak ezinezko ikusten du kutxen bahiketa: "Nola erretiratuko dituzte 948 udalerritan banatutako 8.000 hautetsontzi? Ausartuko dira norbait bidaltzera jakinda Kataluniako poliziak defendatuko dituela eta boto emaileek ere bai? Zer egingo dute hautetsontzi bat eramaten dutenean eta beste bat agertzen denean, eta dena munduko prentsa guztia begira dagoela"? Trapero erabaki beharrean Kataluniatik kanpo, oro har, inork gutxik jartzen du zalantzan azken unean Espainiako Justizia obeditu beharko dutela. Juliana ere molde horretakoa da, baina zalantza tantaren bat ere jausten zaio lerro artean, bereziki Josep Lluis Trapero mossoen burua une honetan "Kataluniako pertsona indartsuena" dela dioenean: "Polizia burua da egungo pertsonaia klabea, urrian bera egongo baita hautatu beharrean. Presio itzela Santa Coloma de Grameneten hazitako gizon gogor batentzat". Josep Lluis Trapero Mossoen burua, eskuinean, eta Joaquin Forn Generalitateko barne kontseilaria. Hipotesi eta aldaera hainbat egon daiteke. Adibidez, erreferenduma egitea, baina Madrilek jarritako oztopoen ondorioz, parte-hartzea asko txikitzea. Edonola, erreferenduma egiten uztea ere arriskutsua izan daiteke Rajoyrentzat, parte-hartzeak eskuetatik ihes egin diezaioke eta, 2014an moduan. Orduan 2.345.000 botoko parte-hartzea izan zen: 1.897.274 baietz estatu berriaren alde eta 232.848 aurka. Erroldari buruzko daturik ez dugu, baina 2015eko hauteskunde autonomikoetan 5.510.853 pertsonakoa izan zen eta orain ere antzekoa izango dela pentsa liteke. Ez da zifrei buruz hitz egiten, baina erreferendumak gutxieneko arrakasta izan dezan seguruenik 3.000.000ko parte-hartzea gainditu beharko luke eta baiezkoak 2.800.000 botoen langa, gutxienez. Hilaren 9an En Comúkoek egingo duten bilkura giltzarri izango da emaitzari begira, ondoren haren oinarriek onartu beharko dute erabakitakoa 12a eta 14a bitartean. Uztailaren 8an hartutako erabakian, parte-hartzeari baiezkoa eman zioten, baina ez erreferenduma lotesle izateko, ekintza politiko gisa baizik. Madril-Bartzelona, legitimitateen talka Une gogorrenetakoak aste honetan bertan hasiko dira seguruenik, hilaren 6an edo 7an Kataluniako Legebiltzarrean Erreferendumaren Legea onartzen denean. Ondoren onartuko da Deskonexio Legea deitzen dena, izan liteke hilaren 20 eta 21ean. Baina ez dago batere argi noiz onartuko dituen Legebiltzarrak, Espainiako Legediarekin ari den kuku-gordeka horren arabera izango baita. Gerta liteke baita ere Gobernuak lege dekretuz onartzea Erreferendumaren Legea. Era batera ala bestera, Gobernuak berehala deituko du erreferenduma. Denak adierazten du gutxienez Erreferendumaren Legea irailaren 11ko Diadaren aurretik onartuko litzatekeela; eta irailaren 15ean erreferendumaren kanpaina ofiziala hasiko da. Soberanisten artean gero eta tinkoago esaten da: "Heldu da dena batera egiteko unea, onartu eta egin". Hauetako edozein urrats ematen denean hasiko da orain arteko agindu-desobedientzia katerik larriena. Kataluniako Legebiltzarrak hilaren 6an onartu zuen Erreferendumaren Legea. (Arg.: Kataluniako Legebiltzarra) Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta Espainiako Gobernua prest dira jada erantzuteko. Rajoyren Gobernuak idatziak ditu jarri beharreko helegiteak, bertako iturrien esanetan, eta Auzitegiak hilaren 5, 6 eta 7an egingo du osoko bilkura. Hurrengo osoko bilkura 19, 20 eta 21ean izango da. Erabiliko ditu Konstituzionalak bere eskumen guztiak? Hori da airean dagoen galderetakoa. Berez, helegiteak onartuta edozer gelditzeaz gain, zigorra ere jarri dezake bere aginduei kasurik egin ezean, iaz PPk horretarako erreformak bideratu ondoren. Alabaina, ez ei ditu zigorrerako ahalmenak erabiliko, barne mailan ez dagoelako nahiko adostasunik horretarako. Urriaren 2an ikusiko dugu norantz doan Kataluniako gizartea, dituen aukerak muturrekoak dira eta: Kataluniako Errepublika edo hauteskunde autonomikoak. Soraya Sáenz de Santamaria Espainiako Gobernuko lehendakariak honakoa luzatu zion PDCATeko diputatu Jordi Xuclàri Espainiako Kongresuan: "Uste dut 10-0 irabazteko moduan gaudela"; kolpea jaso eta "kontuz umiliazioekin –erantzun zion Xuclàk– haien arrastoa ezabatzea gaitza da eta belaunalditan irauten dute".
news
argia-1e0004f4ad28
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/karrikaren-taupadak.html
Karrikaren taupadak
Eneko Gorri
2017-09-10 00:00:00
Karrikaren taupadak Uda bukaera . Atera berri da Robin Campilloren 120 battements par minute ( 120 taupada minutuka ) filma Frantziako Estatuko zine-gela guzietan. Iragan mende bukaeran hiesaren (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea) kontra borrokatzen zen Act Up-Paris elkartearen erretratu hunkigarria, sarkorra eta sumingarria proposatzen du mugimenduko militante izandako zinegileak. Filmak biltzen duen arrakasta izugarriaren aitzinean, boz batzuk altxatzen hasi dira oroitarazteko, gaur egun Act Up-Paris mugimendua laudorioz estaltzen duten berdinek zituztela 90eko hamarkadan haren militanteak gogorki kritikatzen, hiesarekin batera, homosexualak, drogazaleak, prostitutak, presoak… defendatzen zituztelako. Hots, boteredunek gorde eta laborategiak ustiatu nahi zituzten ber-berak. Karrika zen Act Up-Paris-en oholtza. Ekintza sinbolikoen bidez, ikusezina ikusgarri bilakatzen zuten. Errealitatea karrikan da, ez administrazioen txostenetan edo (ni bezalako) funtzionarioen Excel tauletan. Karrika versus burokrazia dikotomia inoiz baino gaurkotuagoa da Uda erdialdea. Astekari honetan berean, Joseba Alvarezek idazten zuen turismoaren kontrako mobilizazioen harira, karrikan dabiltzanoi gauzak "gaizki" egin dituztela leporatu dietela beren bulegoetatik gauzak "ongi" egiten dituzten horiek. Errealitatea karrikan da, ez administrazioen txostenetan edo (ni bezalako) funtzionarioen Excel tauletan. Karrika versus burokrazia dikotomia inoiz baino gaurkotuagoa da. Karrikan gauzak hain gaizki egin izan balira, haien politikak justifikatzera ez ziren aterako hainbeste kargudun. Max Brisson berak, Pirinio Atlantikoak departamenduko turismo komiteko lehendakariak, prentsa aitzinean bere burua defendatu nahi izan du karriketan ikusitako hamar bat kolaki xumeen ondorioz. Karrikako lanak eztabaida mahai gainean emateko bertutea izan du guttienez. Eta agenda politiko-mediatikoan izatetik aldaketa eragitera, borrokaren intentsitate afera bat baizik ez da. Uda hasiera. Hizkuntzen karrika erabileraren datuak aurkeztu dira. Ipar Euskal Herriari dagokionez, sekulan neurtu den indize apalena jaso da. Karrikaren okupazioa aldatu da (gentrifikazioa, espazio publikoaren pribatizazioa) eta egoera soziolinguistikoa okertu (belaunaldi sakrifikatua adin piramidearen erdialdean dugu, familia transmisioa ia-ia eten da, eskolako euskarak ez du etxeko euskarak bezalako espontaneitatea). Baina horrek ez du kentzen egoera kezkagarria dela. Euskararen erabileraren ingurukoa izanen da ondoko bataila. Eta hau ere neurri handi batean karrikatik eraman beharko da. Uda bukatu da. Sartzea da, baina karrikara ateratzeko arrazoiak ez dira eskas: etorkinen defentsan, lan erreformaren kontra, euskararen alde edo euskal presoen gaia Parisera ekartzeko. Karrikaren taupadak entzunen dira, egituratzen ari den Herri Elkargotik Parisko Beauvau plazako ministerioetaraino. Nork zioen ez zuela karrikak gobernatzen?
news
argia-814f56c4a36d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/baratzea-paristar-guztien-eskubide.html
Baratzea paristar guztien eskubide
Garazi Zabaleta
2017-09-10 00:00:00
Baratzea paristar guztien eskubide Hiriko mapa eskuetan, turista onen papera betetzen genbiltzan Parisen lagun bat eta biok. Ohiko kale paristarretatik oinez gindoazela, ordea, gure begirada bereganatu zuen zerbaitekin egin genuen topo: hiriko zuhaitzen jardinera askotan hainbat barazki eta lore zeuden landatuta. Kalabaza zuhaitz horren azpian, piperra hurrengoan, tomatea... Nork jarri ditu baratze txiki-txiki hauek hiriko kaleetan, baina? Udala izan da? Herritarrak?   'Landaretu zure kalea, baimenduta dago!' Parisko Udalak bi urte atzera martxan jarritako proiektua da Vegetalizer sa rue, c'est permis! (Landaretu zure kalea, baimenduta dago!). Onartutako lege berritzailearen arabera, edonork dauka lorategia edo baratzea landatzeko eskubidea hiriko edozein tokitan: kalean, zuhaitzen jardineretan, horma edo teilatuetan... Herritarrei irudimena erabiltzeko eta toki berrietan landaketak egiteko gonbitea luzatu die Udalak. Helburua: Paris "landaretzea".   Proiektuaren bultzatzaile den Parisko alkate Anne Hidalgok espero du modu honetako 100 lorategi hektarea egotea 2020. urterako. Gune publikoetan landaketak egin nahi dituen edonork Parisko Udalean eskatu behar du baimena lehenik. "Espazio publikoaren lorezainek" landaketarako oinarrizko kita eta haziak jasoko dituzte, eta trukean ekoizpen modu jasangarriak erabiltzeko konpromisoa hartzen dute: bioaniztasuna sustatzekoa eta pestiziden erabilera ekiditekoa.   Auzotarren arteko harremanak sendotuz Hiriaren bizi kalitateari ez ezik, hiritarren arteko harremanei ere onurak dakarzkiela uste dute hiri baratzeen bultzatzaileek. "Legearekin paristarrei hiri berdeago bateranzko aldaketan parte hartzeko aukera ematen diegu, baina horrez gain, herritarren arteko harremanak sortzen eta indartzen ere lagun dezake proiektuak, batez ere auzotarren artean", azaldu zuen Udaleko Laguntzaile Penelope Komitesek.   Kohesio sozialerako saiakeraren adibide, kaleko jardinera bateko baratze txikian topatu genuen mezu xelebrea: "Bizilagunak: oporretan kanpoan izango naiz egun hauetan. Eskertuko nuke baratzea ureztatu eta barazkiak jasoko bazenituzte. Hartu eta jan lasai", zioen karteltxoak, auzotar baten sinadura azpian zuela.   Hiri handiek ere pixkanaka grisetik berderanzko bidea hartzeko aukera badutenaren seinaletzat har daiteke Parisko proiektua. Gurean ere egon dira antzeko ideiak (ikus 2.552. aleko Borraja Komandoaren artikulua), ez ordea, oraindik, udalek babestuak...
news
argia-ea894cb1408e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/dsei-azoka-londresen-gerra-hemen-hasten-da-hemen-gelditu-dezagun.html
DSEI azoka Londresen: gerra hemen hasten da, hemen gelditu dezagun
Pello Zubiria Kamino
2017-09-10 00:00:00
DSEI azoka Londresen: gerra hemen hasten da, hemen gelditu dezagun DSEI Defence and Security Equipment International deitzen da munduko arma ferietan handiena eta Londresko ExCeL erakustazoka erraldoian irailaren 12tik 15era egingo da, jendeak hiltzeko teknologiarik sofistikatuenen inguruan tratuak egin ditzaten mundu osotik iritsitako ekoizle, erosle, bitartekari, agintari eta militarrek. Atarian zain edukiko dituzte gerraren erregaia den arma trafikoa gelditu nahian hurbildutako ekintzaileak. Zer itxura ote dauka barrutik munduko arma azoka handienak? ARGIAren irakurle horrek nahita ere ezingo duzu barrutik ikusi, gonbidapen berezirik ez duen jende arruntak ez daukalako sarbiderik, baina atariraino hurbilduz gero hegazkin sofistikatu bat aurkituko duzu, Ingalaterrako udazkeneko eguzkitan dir-dir. Gerrako ontziak ere topatuko dituzu Royal Victoria Dock kaian amarraturik, arma-saltoki erraldoira hurbilduko diren 34.000 saltzaile eta erosleek ilunabarretan beren tratuak koktelez ospatu ditzaten. STAF Stop The Arms Fair (Gelditu Armen Feria) mugimenduak azaltzen duenez, segurtasun hesien gainetik barneratzea lortuko bazenu, zeure begiz ikusiko zenituzke bertan saltzen diren dron, tanke, fusil, helikoptero, auto armatu, gas negar-eragile, bonba eta misilak. Balak mulko dotoretan erakusten dira eta diktadore kapritxoso batek aurki dezake beretzako pistola urrez doratua. Hemen diktadoreak Britainia Handiko funtzionario eta militarrek babestuta paseatzen dira. Militarrek beren ekipamenduak erakusten dituzte. Sala batek eduki dezake bonbardatutako kale baten itxura. Harantzago saia zaitezke blindatu batera igotzen edo kainoi baten atzean esertzen, berriketa lasaien murmurioak inguratzen zaituela. Itxura lasai hori emanagatik, ordea, DSEI ez da bilkura jator bat, diote STAFeko ekintzaileek. Israelek bere pabilioian erakusten duen ekipamendua "guduan frogatua" dela argudiatzean, benetan adierazten duena da palestinarren larruazalean testatua daukala. Gerrako ontzi ikusgarrietan milioika libra xahutu dira diru publikotik. Sarrerako aireplano distiratsuaren bikia aurki zenezake gaur bertan Yemenen eskolak eta ospitaleak bonbardatzen Saudi Arabiaren ikurrez apaindua. Bi urtean behin irekitzen ditu ateak DSEI munduko arma azoka handienak. Lehen edizioa 2001eko irailaren 11n abiatu zen… justu islamistek New Yorkeko Dorre Bikietan hegazkinak zapartarazi zituzten egun berean. Londresko ferian zegoen zenbait lekukok aipatu zuen zein haluzinagarria zen atentatuen irudiak zuzenean ikustea armarik modernoenez betetako sala haietatik. Hasieratik protestak pizturik, 2003ko azokarako antolatzaileek eskatu zuten ez ekartzeko airean bonba txiki ugaritan sakabanatzen diren luku bonbarik, hain zuzen Erresuma Batuan sekulako polemika zegoelako batik bat zibilak hiltzen dituzten munizio horien inguruan. Zenbait hedabidek erakutsi zuen, ordea, stand bat baino gehiagotan zeudela salgai Irakeko gerrak ospetsu egindako bonba hilgarriok. 2007an erakustazoka kokatuta dagoen Newhameko udalerriak eskatu zuen bertan behera uztea, ez dirudielako morala irailaren 11rekin batera burutzea arma feria erraldoia non eta biztanleen erdia gerran dauden herrialdeetatik ihesi etorria den auzo batean. Gerraren kontrako mugimenduaren ekintzak ere ugarituz joan ziren urte horietan, baina ez diote azokaren arrakasta lausotu gerraren industriari. Ontsa hiltzeko gailuak Clarion Events konpainiak antolatzen du azoka. 50 herrialdetan antolatzen dituen ferien artean gero eta gehiago dira segurtasun gaiekin zerikusia dutenak: Borderpol konferentzia mugen segurtasunaz, Bahrainen erakustaldi militarra, gerra elektronikoaz Lausanan... 2017ko DSEIren antolatzaileek beren webgunean iragarri dutenez, bost ataletan banatuko dira standak bezala bilkura eta seminarioak: Aireko gerra, Lurrekoa, Itsasokoa, Segurtasuna eta Joint deitua, gerrako atal askoren saski-naskia (komunikazioak, gerra elektronikoa, logistika, gerrako medikuntza…). 34.000 bisitari kualifikatu espero dituzte, jakinda duela bi urtekoan 30.000 etorri zitzaizkiela, "horien artean Defentsa ministroak, nazioarteko militar eta indar armatuak, industriako protagonista nagusiak eta konpainia pribatuak". 2015eko edizioan 42 pabilioi zenbatu ziren, 84 herrialdetatik iritsitako 2.900 VIP pertsonaia, 108 herrialdetako bisitariak... Webean ondo sailkaturik ageri dira saltzaileak, denen buru mundu armen komertzioaren Top Ten multzoa: Lockheed Martin (denetan txapelduna salmentan), Boeing, BAE Systems, Raytheon, Northrop Grumman, General Dynamics, Airbus, United Technologies, Leonardo eta L2 Tecnologies. Horien ondoan izango dira, herritarrok gerrarekin lotzen ez ditugun zientoka konpainia handi, Fujitsu bezala Canon… Ezin konta ahala zerbitzu eta produktu eskainiko dituzte puntako bertsio berrienetan, izan eskuko arma, misil, aireplano, tanke, gerraontzi, gailu elektroniko edo jendeak kontrolatzeko sistema. "Hemen saldutako armak dira –diote Stop The Arms Fair kanpainako ekintzaileek– mundu osoko militar, polizia eta mugazainek eragiten dituzten heriotza, suntsiketa eta bidegabekerien erregaia. Hemen hasten da gerra , eta hemen egin dezakegu lan hura geratzeko". Ekintza sail zabala antolatu dute abuztu amaieratik hasita Londresen. Irailaren 4tik 11ra arte Occupy DSEI kanpalekua burutu behar zuten ferilekuaren inguruetan, egunero osagai bat nabarmenduz. 4ean "Ez armatu gehiago Israel" eguna. 5ean "Ez sinetsi gerran" ( No Faith in War ), hainbat erlijio eta sinesmen duten ekintzaileen otoitz, kanta eta bestelako ekintza baketsuz. 6an arma nuklearren kontrakoa, Trident misil atomikoak zaharberritzea salatzeko, eta erakustazokara ekipamendu militarrak sartzea eragozteko ahalegina. Egun berean, "Armen ordez Berriztagarriak", heriotzaren ordez lanpostuak aldarrikatuz. 7an "Mugitzeko askatasuna jendearentzako, ez armentzako" etorkin, feminista eta queer jendeak antolatuko duena. 8an hitzaldiak erakustazokaren atarian, intelektual eta akademikoek emanak. Irailaren 9a izendatu dute armen trafikoaren kontrako egun zentral, DSEI atarian klase guztietako musika, zalaparta, arte erakusketa eta inauteri builatsu antolatuta. 10ean " Gerra hemen geratu behar da ", herritarrak feriaz eta armen salerosketaz informatzeko eguna. 11n gaualdi isila munduko gerren biktimekiko elkartasunez, goizean lore eskaintza gerraontziak salgai dauden kaiko uretan. 2015eko irailean armak erosi edo saltzera zetozen milaka militar eta exekutiboetako batzuek harrera komite berezia aurkitu zuten aireportuan bertan: itxuraz azokarainoko bidaia erraztera etorritako laguntzaileak benetan gerraren kontrako ekintzaileak ziren eta beren pabilioietarainoko oinez bezala metroan txango osoan soportatu behar izan zituzten hauen salaketak. Emaitza interneten dago bideoz: " Meeting and greeting arms dealers #stopdsei ".
news
argia-835183b5c3ec
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/hezurrak-eta-gezurrak-iraganaren-uretan.html
Hezurrak eta gezurrak iraganaren uretan
Amaia Serrano Mariezkurrena
2017-09-10 00:00:00
Hezurrak eta gezurrak iraganaren uretan Zulo bat uretan egitea ezinezkoa dela pentsa lezake batek, baina Iñigo Aranbarrik lortu zuen liburu honekin, eta ederki lortu ere. Hasierak bete-betean harrapatzen du irakurlea, narrazio handien gainbeherarekin lot daitekeen gertaera batekin: kapitain nazi batek bere buruaz beste egiten du Buenos Airesko hotel batean. Hortik denbora-espazio ezberdinetan kokatzen diren zenbait narrazio hedatzen dira. Itoizko urtegia betetzeko herriak (are hilerriak) husten hasi ziren garaian kokatzen da hari nagusia, 2003an. Urak historia estali aurretik, ordea, iragana azaleratzeko azken ahaleginean dabilen hirukotea dakusagu. Maite antropologo-forentseak du gorpuak hilerritik ateratzeko ardura, eta lan horretan inplikatuko ditu Imanol kazetaria eta Oscar laguntzaile argentinarra. Emakumezkoak du indar zentripetua, baina narratzaile eginkizuna bi gizonezkoei baino ez zaie ematen. Hala, Oscarren aitona marinelaren istorioak eta Juana nafar gorriaren heriotza-moduak gatibatuta, bidaia historiko-literario bat eraikitzen du Imanolek: Hitlerren itsasgizonena eta 40ko hamarkadan Nafarroan eraildako emakumearena. Halere, oroitzapenak biltzeko elkarrizketaren batean Imanolen kazetari senak irrist egiten duela dirudi, eta bere jarrera xaloak sinesgarritasunari kalte egin diezaioke. Oscarrek, aldiz, Argentinako diktadura dakar berekin, jazarpenaren minak eta oroimen-asmazioek osaturiko errelatoan. Iraganaren zama daramate Imanolek eta Oscarrek. Galtzaileak dira, galtzaileen istorioak berreraikitzen. Historia berridazteko ahaleginean sortzen diren arazoek erakusten dute zenbateraino den hura zeregin konplexua. Asmo horretan, Oscarrek iraganak egiatik zer duen zalantzan jarriko du. Oroitzapenak eta hausnarketak bidea urratuz doaz eleberrian, ura nola. Pertsonaien gogoetok ezagutu ahala, haien alderdi makurrak agertuko dira, baita bestelako arazo sozialak, historikoak eta familiarrak ere. Gazi hori, baina, Aranbarriren prosaren gozoak orekatzen du. Ez soilik euskararen erabilera bikainagatik, narrazio osoan zehar ematen diren erreferentzia artistikoek eta oroitzapenen arteko lotura semantikoek borobiltzen dute obra hau. Testuinguru ilun horretan, egia ezkutatu nahiak eraginda, norbaitek Imanoli bere Mont Blanca lapurtzen dio, idazteari uzteko gonbit moduan. Alabaina, kazetariak, historiagileak zein literatura sortzaileak armarik badu, hori bolaluma da. Bestela, galde diezaiotela hamaika pausotan azkena eman duen Iñaki Abaituari.
news
argia-669f9e4ac21b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/iii-mendeko-brexita.html
III. mendeko Brexita
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-09-10 00:00:00
III. mendeko Brexita Galia, 286. Maximiano erromatar enperadore berriak bagauden aurkako kanpaina abiatu zuen. 285ean, Dioklezianok matxino bagaudak mendean hartu zituen euskal lurraldeetan eta urtebete geroago Galian geratzen ziren erreboltariak txikitu zituzten. Kanpaina horretan, besteak beste, Marko Aurelio Karausio nabarmendu zen. Galia Belgika probintzian jaioa, Karausio menapioa zen jatorriz, baina inperioaren alde ari zen. Aurrez marinel lanetan izandako esperientziari bagauden kontrako arrakasta erantsita, Karausio Classis Britannica Britania probintziako itsas armadako komandante izendatu zuten. Senatuak Mantxako kanalaren alde banatako herriei erasotzen zieten piratak egozteko agindua eman zion. Urtebetean, komandanteak egitekoa bikain bete zuen, harrapatu zituen itsasontzi kopuruari erreparatuz gero. Metodoari begiratuta, arrakasta ez zen hain garbia. Karausiok herriak arpilatzen uzten zien piratei eta gero ontziak atzematen zituen –Erromaren mesedetan– eta harrapakina ere bai –bere buruarenean–. Piratekin tratuak ere egin omen zituen, lapurtutako ondasunak banatzeko. Praktika zalantzagarrien zurrumurrua Erromaraino iritsi zen eta Maximianok Karausio exekutatzeko eskatu zuen. Epaiaren berri izan zuenean, Karausiok modu nabarmenean erantzun zuen: Classis Britannicaren, inguruko piraten, Britaniako hiru legioren eta Galiako beste legio baten babesaz, Britaniako independentzia aldarrikatu zuen eta bere burua bertako enperadore izendatu. Eta Erromaren etsai bihurtuta, lagun berriak erraz egin zituen: piktoek eta erromatarren menpean zeuden beste herri batzuek Britaniako enperadore berriarekin bat egin zuten. 288an, Maximiano probintzia ohia berreskuratzen ahalegindu zen, baina Karausiok eta bere inguruan bildutakoek lortu zuten garaipena. Erromatar Inperioaren agintea lautan banatuta zegoen: bi Augusto (Diokleziano eta Maximiano) eta bi Zesar (Galerio eta Konstanzio). Ezegonkortasun hori baliatu zuen Karausiok bere boterea egonkortzeko, harreman diplomatikoak abiaraziz, aliantza berriak bultzatuz eta Mantxako kanalaren kontrola indartuz. Txanpon propioak ere egin zituen, bere aurpegiarekin eta Restitutor Britanniae eta Genius Britanniae lelo apalekin. Eta abenturak zazpi urte iraun zuen. 293an Konstanziok Karausioren tropak menperatu zituen Galian. Beste hiru urte beharko zituzten Britainiar uharteak berreskuratzeko, baina Karausio 293an bertan hil zuen Alekto adiskideak. Heriotzean ez zuen Erromatik bereiztea lortu, lagunak laguna hiltzea erromatar "tradizioa" baitzen.
news
argia-bfb77665009a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/gupidarik-gabe.html
Gupidarik gabe
Joxi Ubeda Goikoetxea
2017-09-10 00:00:00
Gupidarik gabe Azpeitiko Karkaba taldearen errautsetatik jaio den hirukotea da Gaitze. Karkabaren jarraipena dela esan daiteke; ideia horretan sakondu eta muturrera eraman dute, bai doinuetan eta erritmoetan, bai mezuetan. Aurtengo apirilean kaleratu dute diskoa, beren lehen lan luzea. Bederatzi kanta daude, minutu eta erdi inguruko bederatzi muturreko, eta disko osoa arin eta berehala entzuten da. Ziztu bizian jotako punk-hardcore kanta gordinak dira, 80ko hamarkadan egiten zirenen kutsukoak. Erritmo aldaketak eta mozketak egiten dituzte, eta hainbat kantutan mantsoagoak diren zatiak ere jotzen dituzte. Soinu trinkoa gauzatu dute, eta energia handiarekin aritzen dira, zuzen eta zehatz. Haserrea eta amorrua transmititzen dute, erraietatik ateratzen zaizkien bi ahots urraturen bidez, oldarkor, bortitz eta batere gupidarik gabe. "Kateak apurtu, askatasuna" ( Hi heu haiz ) aldarrikatzen dute, eta "diruzale burges madarikatuak" ( Dirua ), "arimarik gabeko gizagalduak, gure miseriek aberasten zaituzte" ( Bizi nahi dut ), "gure ondasun plantxatuak hondakin bilakatuak" ( Kaosa eta zaborra ), "bake mundiala, bake soziala gerra guztien ama da" ( Terrorismoa ) eta jendarte honetako beste zenbait gaitz, faltsukeria, ustelkeria eta bidegabekeria dituzte hizpide, armak, gerrak, botere gosea, kartzelak, zapalkuntza, faxismoa... 80ko hamarkadan punk eta hardcore talde ugarik egiten zuten bezala, diskoa osatzeko do it yourself (zuk zeuk egin ezazu) filosofiarekin aritu dira, eta beren kabuz egin dute maketazioa –azala, kontrazala, CDaren galletak eta hitzak biltzen dituen orria–, eskuz, txantiloiekin eta sprayekin. Azken batean, Gaitzeren diskoa artisautza lan bat da, harribitxi bat, gaur egun, horrelako oso lan gutxi ikusten baitira.   Diskoan bezala, jendaurreko emanaldietan ikus-entzuleei arnasa hartzeko astirik utzi gabe jotzen dute, txantxarik gabe, izugarrizko grina, indar eta kemenarekin, kantuak bata bestearen atzetik segidan jotzen, eta haien saioak ikaragarriak dira, aho zabalik uzteko modukoak.
news
argia-b10add834078
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/feminismo-hedonikoa.html
Feminismo hedonikoa
June Fern�ndez
2015-02-15 00:00:00
Feminismo hedonikoa Ziberfeminismoan gorputzari eta plazerari lotutako gaiek protagonismo gehiegizkoa ote daukaten kritika helarazi didate hainbat emakumek. Pikarako aurkezpen batean, batek esan zidan sexu askapenaren borroka ondo dagoela, baina berarentzat lehentasuna prekarietatearen kontrako borroka dela. Halako gaiak ez jorratzea baino, arazoa da gure sare sozialetan depilazioak, hilerokoak edo orgasmoei buruzko artikuluek etxeko langileen eskubide urraketari buruzko edo etxebizitza eskubidearen inguruko erreportaje sendoek baino oihartzun handiagoa daukatela. Giza eskubideen urraketa bortitzen berri jaso baino, sare eta komunikabide feministetan eduki arinak eta erakargarriak bilatzen dituztenak txolinak direlako epaia egin genezake. Baina, ezin dugu ahaztu internet "errealitatetik" deskonektatzeko ihesbidea dela, eta etenaldi eta aisialdi tarteetan irakurtzen errazak diren edukiak –are gehiago gure esperientziarekin lotuta badaude– klikatzen ditugula gehien. Ziberfeminismoa korronte bat baino, baliabide bezala ulertzen dut, gizartea despatrialkalizatzeko eguneroko beste esparruetan (kalean, familian, gaztetxean, lan edo ikasketa zentroan) egiten dugunaren osagarri. "Sofatik egindako aktibismoa" kontzeptua erabili ohi da Change edo Avaaz-eko eskaerak sinatzeagatik eta Facebook-en giza eskubideen aldeko edukiak konpartitzeagatik izugarrizko konpromiso soziala daukagula sentitzearen joera kritikatzeko. Feminismoaren kasuan, nik uste, sare sozialetan ikusgai garen gehienok kalean ere lan oparoa egiten dugu. Baina aldi berean kezkatzen nau internet gure militantzia gune nagusia bilakatzearen arriskuetariko batek: denbora-pasa kutsu horren ondorioa, Andrea Momoitioren hitzetan: Feminismo hedonikoa. Irantzu Varela edo Alicia Murilloren bideoekin barre egitea eta sare sozialak konpartitzea bada jardun feminista, baina hori bada gure ekarpen bakarra edo nagusia, gure buruari galdetu beharko diogu zein den horren eraginkortasuna. "Nire alua maite dut" edo "Zu gabe ni naiz" bezalako kartelak sareetan konpartitzeak zer eragin dauka gure burbuilatik kanpo bizi diren emakumeentzat? Gu geu, klase ertaineko neska hiritar zuriak, oso harro, moderno eta aske sentituko gara, baina horrek zer eragin dauka etxeko langile etorkin baten, sexu jazarpena bizi duen preso baten edo Dependentzia Legearen murrizketaren ondorioz diru-laguntzarik gabe geratu den zaintzaile baten bizitzan, bere sexualitatean, bere amodio ereduetan? "Pertsonala dena politikoa ere bada", Kate Millet-en leloa da, feministon mantra nagusienetako bat. Baina azken bolada honetan ideia hori galbideratu ote den (edo dugun) ezinegona daukat. Milleten asmoa emakumeen kontrako diskriminazioak eta erasoak politizatzea zen. Hau da, indarkeria matxista ez dela isilpean pairatu beharreko arazo pribatua, egitura sozial jakin baten ondorioa baizik. Baina ez ditzagun nahastu "pertsonala", "indibiduala" eta "egozentrikoa"; nire desioak eta kezkak ardatz badira, nik bizi ez ditudan sexismoari lotutako arazoak alboratzeko joera izango dut. Ikuspegi zabala mantendu dezagun, jorratzen ditugun gaiak emakume anitzen lehentasunen erakusgarri diren aztertu eta emakumeon jabekuntza kolektiboak elkartasunean oinarritua izan behar duela gogoratu. Bestela betikoa gertatzen da, 2.0. bertsio posmodernoan (feminismo hipster kontzeptua ere entzun dut): emakume zuria, hiritarra eta klase ertainekoa gaude erdigunean, eta gure errealitate pribilegiatutik abiatuta feminismoaren norabidea ezartzen dugu.
news
argia-e5383d7dcb5e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/berriz-ere-emango-du.html
Berriz ere emango du!
Jakoba Errekondo
2015-02-15 00:00:00
Berriz ere emango du! Uholdeak etorri dira, goian-behean. Ibaia errio bihurtzen den lurretan gaude, erribera galantak Atlantikoari begira. Erribera hauek itsasoaren gora-beheren eraginetik babesteko eraikitako muntoak eta zanpiadurak ederki gainditu ditu goitik datorren uholdeak. Ibaiaren arro guztian, mendietan eta pendizetan korrika bizian bildutako lur onenak dakartza urak. Eta mantsotzean, azpian hartutako erribera hauetan utziko ditu. Lehen ere nekazaritzarako lur onenak direnen gainean arro guztiko lur beltzak. Berriz ere emango dute lur hauek artoa suelto!
news
argia-21b116b4eee4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/jean-echenoz-idazlea.html
"Irakurtzearen, idaztearen eta ezer ez egitearen artean banatzen dut denbora"
Aritz Galarraga
2015-02-15 00:00:00
"Irakurtzearen, idaztearen eta ezer ez egitearen artean banatzen dut denbora" Frantzia aldeko idazleen artean ezagunetarik, euskaraz ere ohiko bilakatzen ari zaigu Jean Echenoz (Orange, 1947). Gurera itzulia izan den laugarren liburua du 14, Gerla Handiaz ari dena, aurrekoak bezala Gerardo Markuletak euskaratu eta Meettok etxeak argitaratua. Hitz gutxiko gizasemea, oraindik gogoan dut lehen aldiz elkarrizketatu nuen eguna: Ravel eleberriaren euskarazko bertsioa eman nahi, eta, "eskerrik asko, baina bidali didate Donostiatik aleren bat" erantzun zidan, siku. Handik aurrera irribarre gutxi, ia hitzak bezain. Halakoa du Echenozek literatura ere, Gerla Handiaz, 14ko Gerraz, Lehen Mundu Gerraz ari den 14 eleberria, adibidez: 110 orrialde eskas. Irribarreak agian gehixeago, guda oineko eszena honetan esaterako: "orkestra bere egitekoa betetzen ari zela, bala batek baritonoaren besoa zeharkatu zuen, eta tronbonista larriki zauriturik erori zen (…) taldea murriztu arren, musikariek jotzen jarraitu zuten okerreko notarik batere gabe". Batzuek ez dute gehiegi maite izan, ni fu ni fa , mutxoasmo eta abarrekoak irakurri ahal izan ditugu. Beste batzuek maite izan dute gehixeago: "Hasi, irentsi eta bukatu. Eserialditxo batean. Ez da erraza hain urrian hain ugari esatea". Dena delakoarekin, proba egin dezake irakurleak: gogoratu, 110 orrialde eskas baino ez dira. Elkarrizketa hau halaber, hitz kopuruari dagokionez, behintzat, ez da izan salbuespena. Hauexek dira atera dizkiogunak. Asko idatzi eta argitaratu da Gerla Handiaz, luze gabe pasa den 2014an, gogoratu baita hasi zenetik ehun urte joan direla. Zuk zeuk ere hauxe diozu eleberrian: "Hori guztia hamaika aldiz deskribatu izan denez gero, beharbada ez du merezi berriro ere opera higuingarri eta kirastu honekin luzatzea". Eta, hala ere, idatzi egin duzu nobela bat Gerla Handiaz. Zergatik? Kasualitatez ia. Gerra horri buruzko familia dokumentuak aurkitu nituelako, eta paper horien irakurketaren ostean gaiari buruz gehiago dokumentatzeko irritsa izan nuelako. Hasiera batean, ez zen inondik inora proiektu literario bat, ez bazen jakin-minezko afera pertsonala. Iritsi zen momentu bat, ordea, non hainbat egoera –erreal nahiz irudizkoak, edo gertaera errealetatik irudikatutakoak– eta hainbat eszena artikulatu ziren fikzio posible baten gisara. Opera batekin konparatu izan duzu gerra, liburuan berean: "nahiz eta gerra, opera bezala, hotsandikoa, hanpatua, neurrigabea, luzamendu penagarriz betea izan; nahiz eta, operak bezala, zarata handia egiten duen, eta, askotan, luzarora, aspergarri samarra den". Gerraz eleberrian egiten duzun erretratua, kontrara, ez ote den gehiago ganbera-musikarako obra baten antzekoa: apalagoa, lañoagoa, barnekoagoa, gerraren horrorea bera ez ote dagoen arras txikiagotua. Inongo unetan ez dut izan, noski, Lehen Mundu Gerra bere horretan lantzeko intentziorik. Proiektu askozaz ere zabalagoa eskatuko luke asmo horrek. Gatazkan katigatutako lauzpabost gizon-emakumeren bizitzei heldu nahi izan nien, horien eguneroko existentziari, eta etorkizun posibleei. Nola esan: pixka bat gerrari buruzko eleberri bat egin baino, gerra garatu bitartean gertatzen den eleberri bat egin nahi izan nuen. Eta gerraz ari garelarik, adibidez, edo bestelako afera labain-garrantzizkoez, zertarako gai da literatura? Afera horiek azaltzen laguntzeko? Ulertzen saiatzeko? Ez naizenez historialari, nire asmoa ez da ezeren gaineko esplikaziorik ematea. Ez eta ezer ulertzen saiatzea ere. Gerla Handiaz irakurri ditudan eleberri klasiko gehien-gehienak gatazkan parte hartu zuten jendeak idatziak dira, are beren garaiko hizkera batean idatziak. Geure garaiko bitartekoekin landu nahi izan dut gaia neronek. Ez naiz bakarra izan, bistan da. Azken urte hauetan, Frantziako autore garaikide ez gutxi hunkitu dituen gaia izan da 14ko Gerra, eta bakoitzak bere modura landu du, zeinak ez baitira noski XX. mende hasierakoak. Oro har zure liburuetan, ezin zen bestela izan 14 honetan, dokumentazio lan eskerga nabari daiteke. Seinalatu dizkizute soldaduak motxilan daukanaren inbentarioa, edo jan ezinezkotzat izendatu ziren animalien zerrenda: azeria, belea, erbinudea eta satorra. Nolaz prestatzen duzu eleberri baten idazketa? Kasu konkretu honetan, zeintzuk izan dira irakurketak? Bada, aurreko erantzunean esan bezala, gai eta garai horretako eleberriak, batetik: Frantzia aldekoak batzuk (Roland Dorgeles, Henri Barbusse, Gabriel Chevallier eta abar), Alemania aldekoak beste batzuk (Erich Maria Remarque, Ernst Junger eta abar). Baina baita lan historiko mordoxka bat ere, denbora hartako lekukotzak, gerra-kaierak. Era berean, kontsultatu nituen eskutitz asko, argazkiak, filmatutako irudiak. Gerla Handiak zera ekarri zion Euskal Herriari: ez bakarrik drama sozial alimaleko bat, belaunaldi baten galera –aipatzen da 6.000 hildako eragin zituela–, baizik eta Frantziaren irudi solidoago baten ezartzea ere bai, bere mugena, bere batasunarena, bere hizkuntzarena. Zer ekarri zion, ordea, Frantziaren osotasunari? Lehen Mundu Gerrak presentzia oso bizia du frantziarron memorian. Sarri galdetzen diot neure buruari presentzia memorial hori ez ote den handiagoa Bigarren Mundu Gerrarena baino. Baina galdera ergela da inondik ere. Pentsa daiteke bi Mundu Gerrek gerra bat eta bakarra osatu zutela.    Zure eleberri Ravel euskaraz argitaratu zenean, 2007an, esan zenigun sentitzen zenuela "fikzio hutsarekiko halako akidura bat (nahiz kontziente naizen fikzioa ez dela inoiz purua)", eta era berean "errealitatera berariaz nobelarenak diren tresnekin begiratuz hurbiltzeko asmoa". Maurice Ravel, Emil Zatopek eta Nikola Teslari eskainitako "bizitza imajinarioen trilogia" bukatuta, fikzio hutsera itzuli zara berriz. Egia da momentu batean, nire lanari dagokionez, fikzioagandik urruntzeko beharra izan nuela, bestelako forma batzuk bilatzeko beharra. Baina dagoeneko listo, iragana da garai hura. Eta fikzio hutsetik orain, baina, dozenatik gora libururekin, nola aurre egin lan berri bakoitzari? Zein jarrerarekin, zein helbururekin? Ikasten ez den langintza bat da idaztearena. Esperientziak ez du ezer irakasten, sobera ez errepikatzearen ardura izan ezik. Liburu berri bakoitzari ekitea zaila da halaber, intimidatzailea, batzuetan umiliagarria, lehen liburu baten idazketa bezain.   Esan izan da zure idazle lanak baduela artisautzatik. Dokumentazio aldia aipatu diguzu hemen, argazkiak, soinuak, paperak bilatzea. Inon irakurri dugu etxetik atera eta liburutegietara joan zalea zarela, jendearekin solasean aritzekoa, grabatzen diezula, gero dena transkribatzeko. Dokumentazio aldia erabat da pasionagarria, beti. Arriskua da bere horretan objektu bat bilakatzea, bukaerarik gabekoa. Aurkitu behar da momentu bat, bitarteko bat muga ezartzeko, eta idaztearen lanari ekiteko.   Halaber, ez zara literatura aretoak gehiegi maite dituen horietakoa, ez telebista platoak, ez bereziki prentsa-agerkariak. Zeintzuk dira jarrera horren abantailak? Eta desabantailak? Abantailak baino ez ditut ikusten. Hala ere, pixka bat esajeratu duzu: tarteka iristen zait telebistara joateko gonbidapenen bat. Eta tarteka joan egiten naiz. Irakurketa beste gauza bat da, ordea. Ze garrantzia du irakurtzeak idazlearen lanbidean? Gustave Flaubertez gain, zeintzuk dira zure gaur egungo irakurketak? Nire denbora banatzen dut irakurtzearen, idaztearen eta ezer ez egitearen artean. Orain eskuartean dudan liburuetako bat: Marcel Prousten biografia, Jean-Yves Tadiek idatzia. Zure azken liburua, Caprice de la reine , ez da orain artean iritsi gure artera. Zertan den azalduko diguzu? Zazpi kontakizun aski laburrez osatutako bilduma bat da. Bakoitza, gutxiago-gehiago, leku bati, paisaia bati, hiri bati eskainia.
news
argia-99f52189d878
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/txikia-diozu-bikoitza.html
Txikia diozu? Bikoitza!
Mikel Basabe
2015-02-15 00:00:00
Txikia diozu? Bikoitza! Askori entzun diot Euskararen Legeari Nafarroan egin gura zaion aldaketa "txikia" dela esaten: zenbait alderdi politikori, sindikatu batzuei –nireari, besteak beste– baita euskalgintzako erakunderen bati ere. Ez nator bat. Uste dut, gainera, balorazio hori egiten dela proposamena Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak egin dutelako. Txikitasunaren ideiaren bozeramaleek diote aldaketa hori lehenengo urratsa baino ez dela. Horrekin ados. Lehen urrats ederra, gaineratuko nuke nik: aspaldi eman beharrekoa eta aspaldi eman gabea. Legea lehenengo urratsa da; gero, gauzatu egin behar da, gobernuak gauzatu ere. Jakina. Lege hau, eta beste edozein. Baina proposatzen den aldaketak aukera emango die Nafarroako gurasoei, lehenengoz eman ere, seme-alabak euskarazko irakaskuntza publikoan matrikulatzeko, nahiz eta  "eremu erdaldunean" bizi. Ez da, beraz, aldaketa txikia. Galdetu bestela, eremu horretan bizi diren guraso euskaltzaleei. Nik lan egiten dudan institutuan, esate baterako, hiru hizkuntz eredu daude: Euskal Autonomia Erkidegoan ohikoak ditugun A eta D eta, horien osagarri, G eredua. G, nonbait, "gaztelania" hitzetik harturikoa, eredu horretako ikasleek ez baitute euskaraz ezertxo ere ikasten. A eredukoek euskara ikasgaia dute, besterik ez. Gure institutua, Nafarroako handienetakoa, eremu mistoan dago. Eremu erdaldunean balego, ez litzateke A eredurik eskainiko, ezta D eredurik ere. Ikasleek ez zuten euskara (are gutxiago, euskaraz) ikasteko aukerarik izango. Aukerarik ez. Horrela daude Iruñerritik beherako ia institutu publiko guztiak: euskarazko eskaintzarik gabe. Oker ez banago, Lizarrako institutu publikoa da salbuespen bakarra. Aldaketa egiten denetik aurrera, eremu erdalduneko ikasleek ere izango dute Nafarroako gainerako ikasleek duten eskubide berbera. Ez deritzot horri aldaketa txikia. Batez ere kontuan hartzen badugu zenbat urte igaro behar izan diren aldaketa ustez txiki hori gertatzeko. Izan ere, legea helburu horrekin aldatzeko lehenengo ahalegina aspaldikoa da: dagoeneko hogei urte igaro dira! 1995ean, Eusko Alkartasunak –1986an, Euskararen Legearen kontrako botoa eman zuen alderdi bakarrak– eta Alderdi Sozialistak horixe bilatu zuten Nafarroako Parlamentuan: Euskararen Legea aldatzea, horrela Nafarroa osoko ikasle guztiek izan zezaten euskaraz ikasteko eskubidea eta aukera. Ez zuen aurrera egin. Parlamentuan bozkatu ere ez zuten egin, UPNk eta Herri Batasunak iragarri baitzuten kontrako botoa emango zutela. Azkeneko horiek, nonbait, ez zutelako "txikikeriatan" jardun gura eta lege erabat berria eskatzen zutelako. Jakina: legea ez zen proposatzen zen moduan aldatu, baina lege berririk ere ez zen egin.     Hamahiru urte geroago, 2008an, beste ahalegin bat egin zen, Izquierda Unidaren (IU) eskutik. Oraingoa baino ahalegin murritzagoa izan zen arren, oposizioan zeuden alderdi guztien babesa izan zuen (gogoan izan behar da Batasunari hauteskunde haietan parte-hartzea debekatu egin ziotela) baina, beste behin, ez zuen aurrera egin. Orduko hartan, Aralarreko parlamentari bat oporretan joana zelako. Oraingoa, beraz, hirugarren saiakera da. Hirugarren saiakera, orain arte aldatzerik egon ez dena aldatzeko. Eta ematen du, oraingoan bai, aurrera egingo duela. Eta hala eta guztiz ere, aldaketa txikia? Ia hiru hamarkada behar izan ditugu euskararen kontrako lege hori aldatu ahal izateko, eta aldaketaz diogun bakarra da "txikia" dela? Hori horrela balitz, benetan aldaketatxo baten gainean berbetan ariko bagina, ez du ematen aldaketa handiagoetarako gaudenik. Gehiago esango dut: maiatzeko hauteskundeetatik aterako den parlamentuak gobernu aurrerakoi eta euskaltzalea osatzeko aukera emango balu, parlamentu ezkerreko eta euskaltzale horrek ez ditu hizkuntza ereduak aldatuko: Nafarroan jarraitu egingo du G ereduak. Alegia: gobernu berritzaile hori ere ez da lege-aldaketa hau baino harago joango. Hori guztiori dela eta, onerako den aldaketa bikoitz baten atarian gaude: lehenengo eta behin, euskaraz ikasteko aukera Nafarroa guztira hedatuko delako eta, bigarren, ezker abertzaleko parlamentariek, hogei urte geroago, pragmatismoaren bideari jarraitu eta aldaketaren alde bozkatuko dutelako. Hori ere ez da aldaketa txikia gero!
news
argia-b0da4b98350b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/hiltzaileak.html
Hiltzaile maiteak
Xabier Etxaniz Erle
2015-02-15 00:00:00
Hiltzaile maiteak Leire Salaberria ::Hiltzaileak Pamiela, 2013 Orrialdeak ::32 VIII. Etxepare saria eskuratu zuen album honek izenburu eta azal deigarriak ditu. Hiltzaileak terminoa beti erlazionatzen dugu gaizkileekin, indarkeriarekin, jokabide maltzur eta gizartearen kontrakoekin. Eta zalantzak uxatzeko azalean bertan ageri zaigu aizkora bat… gizaki baten gorputz zati bat eta gizaki horren eskutik oratuta aizkora: hiltzaileak daukan arma. Leire Salaberria ilustratzaileak bigarrenez irabazi du Etxepare saria eta oraingoan bi bereizgarri nagusi dituen obra batekin; testuari dagokionez hitz joko batean oinarrituriko testua dugu, irudiak, aldiz, piro-grabatuen bidez eginiko ilustrazioak dira; eta teknika hori argumentuarekin ere erlazionaturik dago –izan ere, orriak erretzen edo erredura markak egiten lortzen dira irudiak–. Albumeko orrietan barrena abiatzen den irakurleak kolore gutxiko orriekin egiten du topo, marroi, beltz, gris… koloreak erabiliz eginiko irudi sinpleak –haurrentzako literaturan hain landua den sinpletasuna–; "Hiltzaileek uniformea janzten dute. Eskularruak eta gomazko bota beltzak". Eta liburuaren azaleko irudia ageri zaigu bere osotasunean –azala eta kontrazala hartuz–; "Batzuek bibotea daramate, baina ezinezkoa da ikustea, burua ere estalita eramaten baitute" eta hainbat lagun ekintza ugari egiten ari diren bitartean urrutian, pertsona –hiltzaile– baten lehen planoa dugu, buruan begiak bakarrik ageri zaizkiola buruko estalki antzeko batek ezkutaturik. Hiltzaileek egiten dituzten hamaika gauza ikusiko ditugu hurrengo orrietan, bai eta haiei buruzko ezaugarriak –igerilari apartak, indartsuak, zain egoten dira…– harik eta liburuaren amaieran argitzen den arte nortzuk diren hiltzaile horiek: suhiltzaileak! Leire Salaberriaren liburua jolasa da: ez hitz jokoaren ondorioz bakarrik, baita orrietan irakurtzean ageri diren detaile txikiengatik eta ilustratzaileak eginiko proposamen literarioengatik ere. Eta hori guztia erraztasunetik, sinpletasunetik abiatutako proposamen sortzaile bati esker. Izan ere, irakurleak orrietan aurrera egin ahala, egileak proposaturiko pisten eta deskribapenen ondorioz hasierako ustea aldatzen duela ikusiko du; hiltzaileei buruzko aurreiritzi txarra izatetik sinpatia eta haien aldeko jarrera izatera pasatuko da. "Nork ez ditu maite hiltzaileak?" esaldiarekin aldaketa horri helduz. Finean liburu bitxi eta erakargarria, jolas egiteko aproposa, umeekin irakurtzeko eta haiei ikus eta irakur dezaten uzteko moduko proposamena. Euskal letretan azken urteotan ongi egiten ari direnen adibide argia.
news
argia-7856f65f9d19
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/alarma-faltsua-iaz-behatutakoa-ez-ziren-grabitate-uhinak.html
Alarma faltsua: iaz behatutakoa ez ziren grabitate-uhinak
Joxerra Aizpurua
2015-02-15 00:00:00
Alarma faltsua: iaz behatutakoa ez ziren grabitate-uhinak 2014ko maiatzean zenbait zientzialarik iragarri zuten unibertsoko lehen grabitate-uhinak izan zitezkeenak detektatu zituztela, Planck satelite europarrak jasotako datuetan oinarrituz (ikus Argia 2.410 ). Uhin horien presentzia ezinbestekoa da Big Bang teoria baieztatzeko. Haren arabera, leherketaren lehen unean Unibertsoa bilioika aldiz handitu zen, eta hori jazo izanaren frogetako bat grabitate uhinak lirateke. Zoritxarrez, hedabide eta zientzialari askok aurkikuntza handitzat jo genuena gezurtatu dute Genevan dagoen CNRSko ikerlariek, ziurtzat eman baitute Planck sateliteak detektatutakoak ez zuela grabitate-uhinekin zerikusirik izan. Zain egotea baino ez zaigu geratzen.
news
argia-1efc8ecb0c6d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/amiantoa-hiltzaile-isil-hori.html
Amiantoa, hiltzaile isil hori
Juan Mari Arregi
2015-02-15 00:00:00
Amiantoa, hiltzaile isil hori Amiantoa, asbestoa ere deituriko mineral kantzerigenoa, enpresa eta etxebizitzetan erabili izan da –oraindik zenbait tokitan erabiltzen da– eta hiltzaile isila izaten ari da, batez ere hura arnastuz biriketako minbizia sortzen duelako. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtean 107.000 pertsona hiltzen dira amiantoa arnasteagatik. 125 milioi langile inguruk mineral hiltzaile horrek kaltetzeko arriskua dute. 2030 urtera arte aurreikusten da 300.000 pertsona hilko direla Europar Batasunean. Euskal Herria ez dago isolaturik. Amiantoa erabili izan den 175 enpresa daude. 2008tik Hego Euskal Herrian erregistraturiko datuak ditugu: 150 langile-ohi hil dira dagoeneko. Aurtengo urtarrilean bost lagun hil dira: CAF enpresan lan egindako bi eta Astilleros Españoles, Industrias Químicas del Urumea eta Kaefer Bizkaian lan egindako bana. CAFeko langileek ordubeteko geldialdia egin zuten joan den astean, hildako lankideak oroitzeko. Beasaingo lantegian jadanik 25 pertsona hil dira eta Irun eta Zaragozako lantegietakoak batuz 60 dira amiantoak CAFen hildako langile ohiak. Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearen eta sindikatuen lanari esker, ahanzturatik erreskatatu dituzte biktima horiek. Euren senideek zailtasun handiak dituzte askotan Osakidetzak ez duelako onartzen laneko gaixotasuna denik. Eta enpresatan ere euren eskubidea diren kalte-ordainak jasotzeko oztopo ugari izaten dituzte. Auzitegietara jo behar izaten dute biktimok; tramitazio geldoa eta efikaziarik gabekoa. Hori saihestu zatekeen administrazioak onartuko balu konpentsazio-funts bat osatzea, Europako beste herrialde batzuetan egiten den bezala. Bankuak kiebratik erreskatatzeko arazorik ez badago –60.000 milioi euro eman dizkiote Bankiari–, zergatik ez dira amiantoak hildako langileak "erreskatatzen" euren senideei indemnizazioak emanez?
news
argia-fee32ae360b2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/asiako-kutsaduragatik-amerikako-zikloiak-bortitzago.html
Asiako kutsaduragatik Amerikako zikloiak bortitzago
Joxerra Aizpurua
2015-02-15 00:00:00
Asiako kutsaduragatik Amerikako zikloiak bortitzago 2006ko irailaren 1etik 2007ko apirilaren 10era  arte bildutako datuetan oinarrituz, NASA espazio agentziak bideo adierazgarri batean kokatu du Asian kutsaduraren eraginez sortutako elementuen higidura. Kutsadura-lainoak nonahi higitzen dira, eta euriaren bidez erortzen diren lekuetan alergia, asma eta arnasbideetako gaixotasunak areagotu ditzakete. Lekuan lekuko eragina neurtzea ez da lortu, lainook mundu osoko zeruetan bidaiatzen dutela baino ez da ikusi. Hala ere gertaera bat garbi ikusi dute: Asian –batez ere Txinan– askatutako aerosolek, Ozeano Barea zeharkatzean, itsasoko ura xurgatzen dute, eta Amerikako mendebaldera heltzean ohi baino hodei trinkoagoak sortzen dituzte. Hodei horiek biziki lodiak dira Ozeano Atlantikora eta Karibera heltzean, eta oso zikloi bortitzak eragiten dituzte. Gertakaria urtero errepikatzen ote den aztertzen ari dira, baina badirudi erlazio zuzena dagoela Asiako kutsaduraren eta Karibeko zikloien indarraren artean. Halaber, kutsadura horrek Europako kliman eragina ote duen begiratzen ari dira.
news
argia-3d0e78e39ba1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/astronomiazalearen-buruko-mina.html
Astronomiazalearen buruko mina
Jakoba Errekondo
2015-02-15 00:00:00
Astronomiazalearen buruko mina Eskinoso batek mila ezkur jaso eta ezkutatu omen ditzake negurako. Bada 5.000 ere pilatu ditzakeela dioenik. Iritzi guztietako zientzialari eta astronomiazaleak daude... Bakoitzak berea dio, baina eskinosoari ez diote bere distira urdina kenduko. Eskinosoa bezalako balakaririk ez dut ezagutzen. Kantu, buila, zalaparta, pio, txio eta txorrotxio, denetik dario. Haren kantu losintxari guztiek belarriak laztantzen dizkidate, maite-maite. Eta hori egiten dakienak ez du buruko minik. Zientzialari eta astronomiazaleek, bai, makina bat buruko min izaten dute. Buruko mina buruko minaren ondotik. Izan ere, mila edo 5.000 ezkur diren zehatz jakin behar hori ez da eraman erraza izango. Ohaideari galdetu behar... Eta mundua buruko minaren inguruan deraikitela iruditzen zaie. Koitaduak. Ardozalearen buruko mina... Sufre dioxidoa (SO2) azukrea alkohol bilakatzeko hartziduran bertan sortzen da. Antioxidantea da, eta mikrobioak haztea eragozten du. Baita suntsitu ere. Hain langile fina izanik, ardoei aparteko sulfito dosiak ematen zaizkie. Horrela, ardogileak badaki bere ardoak luze iraungo duela, buruko minak buruko min. Ardogileak bere buruko mina kentzen du, eta edalontzian edaleari eman. "Sulfitoak dauzka". Buruko mina beretzat. Astronomiazale izan edo ez, ardoa edan eta buruko mina izatea ez da harritzekoa. Sulfitoaren lanak dira. Azpilanak. Ardogintzan erabiltzen den sufrea petroliotik eratorria baita. Petroliotik ardora, gure erregaira. Egungo ardo onenak sortzen ari den ardogintza biodinamikoan, astronomiazaleen ilargiari eta planetei aparteko garrantzia ematen dietenak sumendietako sufre naturala erabiltzen hasi dira. Erromatarrek Etnakoa omen zerabilten. Haiek bai jakin buruko mina eta astronomiazalea zer ziren.
news
argia-415a7f42188c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/joseba-irazokiren-abentura-berria.html
Joseba Irazokiren abentura berria
Joxi Ubeda Goikoetxea
2015-02-15 00:00:00
Joseba Irazokiren abentura berria Joseba Irazoki eta lagunak :: Joseba Irazoki eta lagunak Bidehuts, 2014 Beti harrituta uzten nau Joseba Irazokik. Jendaurrean jotzen ikusten dudanean eta bere lan bat entzuten dudanean txalotu egiten dut, beti zerbait berezia edo desberdina erakusten didalako. Musikari aparta da, edozein musika mota edo estilo jotzeko gai da, bai, baina jakin-min eta irudimen handia du, eta barruan daukana ederki ateratzen du. Sentitzen duen bezala jotzen du, aske, lotsarik edo konplexurik gabe, eta bide berriak arakatzen oso ongi pasatzen duela nabarmena da. Hori guztia estimatzekoa da. Bere ibilbidean lan ugari kaleratu ditu (Oso banda, Ninika, Arimaren bila, Euria ari du, Negurdin, Pertsona, Folk me laztana, Tokitik kanpo, Dosi, Tokian tokiko, Olatuetan, Gizona zakur egin zen...), talde eta musikari ugarirekin aritu da (Xabier Montoia, Petti, Onddo, On Benito, Atom Rhumba, Rafa Rueda, Anje Duhalde, Maixa eta Ixiar, Mikel Erentxun, Duncan Dhu, Nacho Vegas, Terry Lee Hale, Barrence Whitfield...), eta denekin ikasi du zerbait, eta egitasmo guztietan bere ukitua utzi du.       Joseba Irazoki eta lagunak diskoa iaz osatu zuten, baina ideia urtebete lehenago sortu zen. Donostiako Lugaritz kultur etxean kontzertu bat beste hainbat musikarirekin egitea proposatu zioten Josebari. Garai hartan bakarka ari zen, one man band gisa. Kontzertua oso ongi atera zen. Josebak kantu berri batzuk probatu zituen saio hartan, kantu horien gainean lanean hasi zen, eta azkenik Joseba Irazoki eta lagunak diskoa egin du. Lan honetako kantuak, berez, gehien bat riff modura jaio ziren, baina talde soinuaz ederki jantzita daude. Doinuak iradokitzaileak dira, hunkigarriak, ñabarduraz eta xehetasunez josiak, eta ukitu misteriotsu bat ere badute. Batzuk lasaiak eta leunak dira, eta beste batzuk biziagoak. Besteak beste, melodia politak entzun daitezke, rock ukituak, doinu errepikakorrak, eta esperimentazio eta psikodelia kutsuko pasarte batzuk ere bai.  Ekoizpena aipagarria da. Josebak eta Johannes Buffek oso lan ona egin dute, eta moldaketak egiterakoan ahalegin handia egin dutela suma daiteke. Gitarrak dira oinarria, baina ahotsak, haize eta hari musika tresnak, eta gainerakoak ere nabarmentzeko modukoak dira. Joseba Irazoki eta lagunak hauek dira: Joseba Irazoki (ahotsak, gitarra, banjoa, autoharp eta ekoizpena), Felix Buff (bateria eta perkusioa), Iban Urizar (tronpeta eta klarinetea), Igor Telletxea (tronboia eta bibrafonoa), Jaime Nieto (baxua), Ager Insunza (gitarra eta biolina), Johannes Buff (grabazioa, nahasketak, gitarra, ahotsa eta ekoizpena) eta Iñigo Irazoki (grabazioa eta zuzeneko soinua). Masterizazioaz Jonan Ordorika arduratu da, eta diseinuaz Ramon Zabalegi. Musikak Joseba Irazokik sortuak dira Neretzat ote haiz? kantuarena izan ezik, Felix Buffek sortua baita. Hitzen egileak, berriz, Dani Irazoki, Mikel Taberna, Pello Lizarralde, Orixe eta Beñardo Goietxe dira. Harremanen eta maitasunaren inguruan mintzo dira kantuak, besteak beste: "Iragana iragana, hiregana hiregana, zauriak beti uzten du orbana, biok elkarri zor bana" (Iragana, Mikel Taberna); "Hire mingaina nirean, ilargi zaharra ahora, ni ez naun inor hi nire baitan hartzeko" (Ahotik ahora, Mikel Taberna); "Plisti ta plasta dut bihotza maiteminean blai bustita, plisti ta plasta dut bihotza maite ezinean blai saltoka" (Plisti ta plasta, Beñardo Goietxe). Baita ihes egiteaz ere: "Baso ertzean nago mirari baten zain, milaka onddo dago lozorroan hantxe, basoaren sabel beroan, onak dira onak eta txarrak hobeak, baso ertzean nago opari baten zain, bildu eta janen ditut ase arte, eta oso urrun eramanen naute" (Baso ertzean, Pello Lizarralde). Eta kritika eta salaketa ere egiten dute: "Gizaki eroak ziztu bizian alferrik asmatu ta aberasteko" (Bonbilla eta elektrotxatarra, Beñardo Goietxe); "Zenbat etxe berri, hainbat zor zahar, nolako zor halako gezur, bankuan gezur etxean hezur" (Desauzidioa, Beñardo Goietxe). Diskoa behin eta berriro entzuten ari naiz, eta entzunaldi bakoitzean zerbait berria iradokitzen didate Josebaren eta bere lagunen doinuek. Txalo bero bat, Joseba!
news
argia-c6b0401e865a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/europako-patronalak-lepoa-moztu-nahi-dio-ekonomia-zirkularrari.html
Europako patronalak lepoa moztu nahi dio Ekonomia Zirkularrari
Pello Zubiria Kamino
2015-02-10 00:00:00
Europako patronalak lepoa moztu nahi dio Ekonomia Zirkularrari Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen lehendakari izendatu eta berehala pikutara bidali dute Ekonomia Zikularrerako araudi berria. Gero jakin da atzetik bultzaka aritu direla BusinessEurope lobbyak biltzen dituen korporazio handietako ugazabak. Kolpe berean kixkali dituzte genero berdintasuna sustatzeko zenbait arau ere. Janez Potocnik komisarioaren izena nabarmen markaturik geratuko da Europako Batzordearen historian: izan zen behin Esloveniako komisario bat urte luzeko lanez eta pazientzia handiz landu zuena Ekonomia Zirkularrerako europar araudi berria... baina aski izan zen hauteskundeen ondoren komisario berria izendatzea Potocniken lan guztia paper ahul bat bezala erretzeko. Europan ingurumen gaiez eta iraunkortasunaz okupatzen diren talde askok etsipenez ikusi dute Jean-Claude Juncker lehendakaritza hartze hutsarekin nola hasi den lurperatzen azken urteotako lorpenak. Hondakinak modan daudenez, Euskal Herrira gehienbat iritsi dira Ekonomia Zirkularrerako lege multzoari buruzkoak. Baina ez dira garrantzia txikiagokoak genero berdintasuna sustatu, aireko kutsadura murriztu edo finantzen mugimendua gardenagotzeko abian ziren neurrien suntsiketa. Ondorioak laster hasiko dira ikusten. Europar Batzordearen lehendakariorde Frans Timmermansek   burokratek hain maitea duten estiloan esan zuen parlamentarien batzordean Ekonomia Zirkularraren araudia osorik deuseztu zutela "aurten bertan, 2015ean, anbizio handiagoko plan berri bat egitearren". Anbizio handiagokoa ala patronalaren eskarien neurriragokoa? Potocnikek hilabete luzez landutako negoziaketen fruitu sortu zen Ekonomia Zirkularraren araudia, zeinak helburutzat zeukan Europak hain urri dituen lehengaien bizia luzatzea, hondakinak baliabide bihurtzea berrerabilpena, konponketa eta birziklatzea sustatuz, aldaketa estruktural honek Europar Batasunari 600.000 milioi euroko balioa ekarriko ziolakoan, Barne Produktu Gordinaren %30eko hobetzea eta bi milioi lanpostu berriren sorrera. Baina ortodoxia kapitalistatik ateratzen ez diren helburuok, antza, ez zituen gogo onez ikusi kontinenteko ugazaba handiak biltzen dituen BusinessEurope lobbyak. Arazoa zegoen planak aipatzen dituen neurri zehatzetan, tartean: - Hondakinen birziklatzea %70era iristea 2030rako. - Bilgarrien birziklatzea %80ra iristea 2030erako (papera %90era, plastikoak %60ra, egurra %80ra, metal eta bidrioak %90era). - 2025erako bukatzea birziklagai den ororen lurperatzea, ez bada hondakin arriskutsuentzako biltegietan eta gehienez %25. - 2025erako hondakinen sorrera %30ean murriztea. - Neurriak betetzen direla segurtatzeko alarma sistema sortzea. - Hondakin arriskutsu guztien trazabilitatea bermatzea. - Ekoizleen erantzukizuna handiagotzea koste-eraginkortasunezko gutxieneko baldintzak ezarriz. Neurriok  2014an aldatzen joanak ziren, hasierako helburu ausartak orraztu aldi bakoitzean kimatuz, Zero Waste Europe eta European Environment Bureau elkarteek salatu zutenez, Europako industriaburu handiak gogor ari zirelako bultzaka atzetik. Errausketa zorrotzago eragozteko planak ahuldu egin ziren, helburuak lortzeko epeak luzatu, idazkerak anbiguotu. Antza denez, ordea, Potocnikek abian jarritako araudi deskafeinatua ere gehitxo zen hondakinak merke ekoiztetik eta horien tratamendua herritarrei kario kobratzetik negozioa egiten dutenentzako. Kutsatzaile handien lobbya Iazko azaroaren 25ean, Juncker Europako buruzagi jarri eta berehala, Euractiv webguneak ordura arte ezkutatutako albiste bat plazaratu zuen: " Lobby batek proposatu du EBren legedia sinplifikatzea genero berdintasun eta ingurumen alorretan ". Euractivek albistearen iturritzat aipatu zuen BusinessEurope lobbyak, Europako patronal handiak biltzen dituenak, Junckerri bidalitako txosten ordura arte sekretua; Batzordea egun gutxiren buruan gutuna argitaratzera behartuta aurkitu zen. BusinessEuroperen gomendioa da negoziatze bidean diren zenbait lege europar deuseztea: administrazio kontseiluetan genero berdintasuna lortzeari, amatasun oporren luzatzeari, finantzen gardentasuna hobetzeari eta airearen kutsadurari dagozkionak, gehi Ekonomia Zirkularrarena. Patronalak Timmermansi azaroaren 20an entretatu zion bost lege asmook geldiarazteko eskaria. Kasualitatez, bost horiek berak dira hilabeteren buruan Europako Batzordeak mahai gainetik kendu dituenak. Zergatik deuseztu legeok? BusinessEuroperen iritzian "enpresa europarren lehiakortasunarentzako oztopo izango direlako". Ekonomia Zirkularraren paketeari aplikatuz gero argudioa, hondakin gutxiago sortu, sortutakoa hobeto berrerabili edo konpost bihurtu eta birziklatzen baldin bada, aprobetxatu daitekeen ezer errauskailuetara joatea eragozten baldin bada... enpresa europarren lehiakortasunaren kalterako izango omen delako. Ingurumenaren aldeko informazioa bildu eta presioa egiten saiatzen den Europako Ingurumen Bulegoko ( European Environmental Bureau ingelesezko izen ofiziala, EEB) Jeremy Watesek esan du Junckers eta Timermansen kolpeaz: "Garbi ikusten da nondik iritsi den presioa aireari eta hondakinei buruzko lege proposamen garrantzizkoenak erretiratzeko. Eta eskandalua are handiagoa izango da Juncker presidentea ikustea BusinessEuroperen agenda atzerakoia saltzen 'arau hobea egitea' dela esanez. (...) BusinessEuropek ordezkatzen ditu iraganeko korporazio kutsatzaileak. Hauek sustatzen duten agendak ez du onartu nahi ekonomiaren epe luzerako osasunak ingurumen politika sendoak eskatzen dituela". Euskal Herriko adibideetan islatuko bagenu Bruselan neoliberalek eman duten ostikada berria, esango genuke jokaldian tantoa irabazi dutela BusinessEuropek ordezkatu dituen zerbitzu publikoen kontratatzaile pribatu handiek (FCC, Urbaser...) eta errauskailuen kudeatzaileek (Zabalgarbi, zentral nuklearrak bezala errausketarako labeak egiten dituen Sener...). Ez dute onartu nahi gero eta administrazio gehiago Usurbil, Oñati, Sakana edo Orendainen bidetik abiatzea, hondakinen kudeaketa hobe, merkeago eta garbiagoa egitea alegia. Ekonomia Zirkularraren lege multzoa, orain pikutara bidali dutena, 2014ko uztailean onartu zuen orduko Europako Batzordeak. Lau hilabete egin ditu bizirik. Betiko erraustu ote duten? The Guardian ek galdeturik, Janez Potocnik komisario ohia itxaropentsu azaldu da, esanez ziur dagoela proposamenaren mamia ez dela alferrik galduko, urteotan egindako lanarekin sortu eta zabaldu delako legerik gabe ere Europan aldaketa ekarriko duen olatua.
news
argia-198ac2803368
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/hasiera-pitoa.html
Hasiera pitoa
Edu Zelaieta Anta
2015-02-15 00:00:00
Hasiera pitoa Grezian ongi errotuak omen diren bi kraziaren kontra borrokatuko dela iragarri du Syrizak: plutokrazia eta kleptokrazia. Dagoeneko zenbait neurri esanguratsu eta, zalantzarik gabe, ausart hartu ditu: pribatizazio prozesu batzuk gelditu, gutxieneko soldata igo (568 eurotik 751 eurora), kaleratutako milaka langile publiko berriz kontratatu, pentsiorik apalenei Eguberrietako saria itzuli eta osasun sistema publikoa erabiltzea doako bihurtu, besteak beste. Errotikako aldaketak aginduak zituen koalizio ezkertiarrak aurretik emandako hainbat hitz betetzeari ekin dio, beraz. Pentsatzekoa da traba gogorrak eta etsai fierrak aurkituko dituela urratu berri duen bidean. Long live the European Left. Ezkerretik, baina, hasiera traketsa izan duela salatu dute hainbatek, alderdi xenofobo-homofobo batekin egin baitu paktua eta estatuaren konfesionaltasun ortodoxoari eutsi baitio. Halaber, herria gobernatzeko hamaikakoan (presidentea eta hamar ministroak) ez dago emakume bakar bat ere. Plutokraziari eta kleptokraziari pitokraziatik egin nahi diote aurre, nonbait. Hasiera alua. Pitoa.
news
argia-3330e3e3ab47
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/tanbora-1815.html
Mundua izoztu zuen sumendia
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-02-15 00:00:00
Mundua izoztu zuen sumendia Duela 200 urte Tanbora sumendiak eztanda egin zuen. Erupzio eskergaren ondorioz, hurrengo urtean ez zen udarik izan planeta osoan. Mundua ilundu, hoztu eta Mendebaldeko azken biziraupen krisi handia eragin zuen. Gainera, itxuraz, Waterlooko guduan indarrak desorekatzen lagundu zuen. Baita Frankensteinen hazia erein ere. 1815eko apirilaren 5ean, hainbat mendetan lo egon ondoren, Sumbawa uharteko (egungo Indonesia) Tanbora mendiak eztanda egin zuen. Erupzio ertaina zen. Trumoi antzeko hotsak 400 bat kilometrora entzun ziren, eta biharamunean Java Ekialdean errautsa erortzen hasi zen. Handik egun batzuetara, apirilaren 10eko arratsaldeko 7etan Sumatran, Tanburatik 2.600 kilometrora, kanoi hotsak entzuten hasi ziren. Edo hori uste zuten. Bertako osteak mobilizatu zituzten ustezko erasoari aurre egiteko. Eta, badaezpada, hainbat ontzi itsasoratu zituzten, kanoikadak arazoak zituen itsasontzi batek bota zituelakoan. Baina hots horiek Tanboratik zetozen. Erupzioa areagotu egin zen hilaren 10 eta 11n, 800 Mt-ra iristeraino; gizakiak inoiz detonatutako arma nuklearrik indartsuenak, hau da, historiako eztanda artifizialik handienak, 57 Mt-ko indarra askatu zuen eztanda egiteko unean. Gerora, Sir Thomas Stamford Raffles britainiar gobernadore kolonialak 1830ean eta Heinrich Zollinger botanikari suitzarrak 1847an, erupzioa zuzenean ikusi zutenen testigantzak jaso zituzten. Haien arabera, "suzko hiru zutabe lurretik irten eta zeruraino iritsi ziren" eta "mendia su likidozko masa bihurtu zen".  Lekukotza horiek biltzea ez zen erraza izango, Tanborako penintsulan bizi ziren 12.000 lagunetatik soilik 40 irten baitziren bizirik. Horrenbestez erupzioak berehalako ondorio ikaragarriak izan zituen Asia hego-ekialdeko uharteetan. Baina eztanda hark munduko bazter guztiak astinduko zituen ondorengo hilabete eta urteetan. Udarik gabeko urtea 1816. urteari "udarik gabeko urtea" esango zioten handik aurrera. Sumendiak 1815ean atmosferara jaurtitako errauts bolkaniko kantitate izugarria mundu osoan eta, bereziki,  Ipar Hemisferioan zabaldu zen hurrengo hilabeteetan. Kontuan hartu behar da, errauts igorpenak ez zirela berehala eten. Eztandak ez ziren uztailaren 15a arte eten, eta abuztuaren 23an kraterrak kea zerion oraindik. Errautsak ez zien uzten eguzki izpiei lurrera iristen eta tenperaturak izugarri jaitsi ziren: 1816ko udan, erupzioa gertatu eta urtebetera, elurra egin zuen ia hemisferio guztian, abuztuan goizero izotza izan zuten, ekaitzak eta euri-jasak noiznahi eta nonahi. Ibaiak izoztu ziren eta, izotzak urtzean, uholdeak izan zituzten; Rhinek berak gainezka egin zuen. Hungarian elur marroia bota zuen errautsaren eraginez; Italian, berriz, elur gorria ikusi omen zuten. Indiako montzoia, munduko klima sistema garrantzitsuena, bi urtez atzeratu zuten sumendiak igorritako gasek. Hotza, gosea eta epidemiak Klima aldaketa bortitzak hondamendia eragin zuen nekazaritzan. Uztak erabat suntsituta geratu ziren. John D. Post historialariarentzat Tanborak eragindakoa "Mendebaldeko azken biziraupen krisi handia" izan zen. Hain zuzen, izenburu hori ipini zion 1977an gaiaren inguruan argitaratutako lanari. Esan bezala, Indiako montzoia mantsotu egin zen, euri-jasak ohi baino beranduago iritsi ziren, eta kontrolaezin bihurtu ziren klima egutegi zehatzera egokituta zegoen biztanleriarentzat. Osasun eta higiene baldintzek nabarmen egin zuten okerrera eta kolera, ordurarte Bengalako Golkoko gune jakin batzuetara mugatzen zena, Moskuraino zabaldu zen. Tifusa ere berehala hedatu zen, giro heze eta hotzak egokiak baitira horretarako. Europan 800.000 pertsona kutsatu omen ziren 1816an soilik. Europak XIX. mendeko gosete handiena jasan zuen urte horietan. Premiako gaien prezioak %250 egin zuen gora Ingalaterran eta %350 Frantzian. Kontinentea gerra napoleonikoek ahulduta zegoen, gainera. Zaila da erupzioaren ondorioz hildakoen kopurua kalkulatzea. Zenbaiten arabera 200.000 pertsona hil ziren bat-bateko klima aldaketaren eraginez. Baina zenbait iturrik dio soilik Irlandan hildakoak 100.000 izan zirela, eta Tanborak eztanda egin eta hurrengo hiru urteetan Europako heriotza tasa bikoiztu egin zela. AEB taxutzen Kontinente zaharrean ez ezik, herrialde berriagoetan eragin handia izan zuten sumendiaren errautsek. 1815ean, AEB jaioberrietan,  biztanleria nagusiki Ingalaterra Berrian zegoen kontzentratuta, hau da, ipar-ekialdeko kostaldeko sei estatutan. 1815eko ekainaren 6an elurra bota zuen New Yorken eta bi egun geroago mara-mara ari zuen Bostonen. Pennsylvanian hainbat ibai eta aintzira izoztuta zeuden oraindik abuztuan. Bertako biztanleak negu hotzak jasaten ohituta zeuden, baina laborantza lurrentzat gehiegizkoa izan zen. Elikagai urritasunak prezioen igoera ekarri zuen; olo upelak egungo 1,5 dolar balio zuen 1815ean eta hurrengo urtean prezioa 12,78 dolarretara iritsi zen. Artean, garraiobide sare egokirik ez zegoen eta janaria inportatzea garestiegia zen. Egoera jasanezina bihurtu zen milaka familientzat eta horietako asko barnealdera eta hegoaldera joan ziren klima atseginagoaren eta lursail oparoagoen bila. "American Heartland" delakoa, itsasoak bustitzen ez duen AEBen eremua, taxutzen joan zen urte horietan. Egun, AEBetako kostaldeen eta barnealdearen arteko aldea nabarmena da oraindik. Bizikletak eta ongarri mineralak Goseak asmamena zorrozten omen du. Justus Von Liebig (1803-1873) kimikari alemaniarrak Tanborak eragindako gosetea jasan zuen txikitan, Darmstadt jaioterrian. Nekazaritzaren errendimendua obsesio izan zuen orduz geroztik, eta landareen nutrizioan ikerlan ugari egin zuen. Laboreak hazteko nitrogenoa funtsezkoa zela deskubritu zuen eta, aurkikuntzan oinarrituta, ongarri mineralak garatu eta ekoizpen prozesuan barneratu zituen. Ongarri industriaren aitzindaria izan zen. Beste alemaniar batek, Karl Drais asmatzaileak Laufmaschine edo belozipedoa asmatu zuen 1817an. H. E. Lessing historialariaren arabera, bizikleten eta motoen arbasoa ere Tanboraren krisiari lotuta dago. Gizakientzat nahikoa janaririk  ez zegoen eta are gutxiago zaldientzat. Baina zaldi bidezko garraioa funtsezkoa zen garai hartan, eta Draisek garraiobide alternatiboa asmatu nahi izan zuen. Waterloo eta Berrezarkuntza 1996an, Warwicken (Ingalaterra) burututako geozientzia aplikatuei buruzko jardunaldi batzuetan, Kenneth Spink geologoak esan zuen Waterlooko guduan Napoleonek jasandako porrota erupzioaren ondorioa izan zela. Gudua 1815ko ekainaren 18an izan zen, eta ordurako sumendiaren eragina nabarmena zen eguraldian. Belgikako gudu-zelaian egon zirenen arabera, zerua hodei beltzez estalita zegoen, zaparradak etengabe botatzen zituen eta zoru lokaztuak artilleria aurrera eramatea eragozten zuen. Jacques Logie historialaria ez dator bat  Spinken teoriarekin. Ez du ukatzen Waterlooko ekaitza Tanborak eragin zuenik, baina eguraldia bi bandoen kaltetan okertu zela dio, eta Napoleonen osteengan eragin handiagoa izan balu ere, beste faktore asko erabakigarriagoak izan zirela. Baina aintzat hartu behar da, Napoleoni hainbeste garaipen eman zizkion estrategian, tropak azkar mugitzea funtsezkoa zela, eta baldintza horietan ezin izan zituela ohiko taktikak gauzatu. Kontuak kontu, Napoleonen porrotaren ondoren Berrezarkuntza iritsi zen, Europan Antzinako Erregimena berrezarri zuten. Baina ez luzaroan, 1820an iraultza liberalen uholdeak Europa hartu baitzuen. Liberalismoaren eta nazionalismoaren doktrinek bultzatu zituzten iraultzen buruzagi intelektualak, baina  iraultzen oinarrian, 1789an Parisen gertatu bezala, goseak eta prezioen igoerak jotako herritarrak zeuden. Aipatutako zorigaitz eta aldaketa guztiak ezin zaizkio Tanborari soilik egotzi. Beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira urte horietan gertatutakoa osotasunean ulertzeko. Baina erupzioaren eragina ukaezina da, eta hondamendiaren 200. urtemuga aitzakia egokia izan daiteke, hainbat alorretatik, gaia hobeto aztertzeko, 200 urte geroago, klima aldaketa sakonago eta iraunkorragoak ekar dezakeena aurreikusteko baliagarria izan baitaiteke.
news
argia-7a8bfd4c2d41
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/zigorra.html
Zigorra
Ramon Etxezarreta
2015-02-15 00:00:00
Zigorra Ezinaren mugatik ahalik eta urrutieneko bizimoduko egiturak sortu, sendotu eta iraunaraztea izango da erreformismoaren, ez dakit, helburua ala lanerako modua. Ez dadila ezina gugana hurbildu, ez gaitzala ezinak harrapatu, ez dadila gutaz jabetu, baina ezina, egon badagoela eta, arrisku gorria dela, betiere, jakinean egonik. Eta ezina etorri egin da, bertan dago, eta nahi genukeena nahi bezala egitea zaildu egin zaigu, guztiz ezinezko bilakatu ez esateagatik. Ezina asmazio huts bat, bazterrak beldurtu, mantsotu eta otzantzeko asmakeria erdeinagarria besterik ez dela diotenak beti izan dira ugari. Espainian demokrazian sartu ginenetik gure artean espezimen hori ugaritzen joan dela segur nago eta, hemen, euskal herrietan ugariago dela esango nuke. Ezina mamutzat hartu dutenak, ukatu egin dutenak, hemen egituratuta bizi izan dira. Nola husten zituzten beren mihi zikin lerdetsuak "erreformista" iraina botatzen ziguten kaiku ahalenek! Kontua da ezin horren aitortzan, ezina bere osotasunean etxean sartu zaigula kontatzerakoan, beldurra eragin eta zabaltzerakoan, gero eta adostasun handiagoko elkarbizitza adostu dutela kontserbadurismorik gorrienak eta sozialdemokraziarik agerikoenak. Ondorioz politikagintzarekiko zegoen fede urria ia erabat galdu da. Historian erro demokratikorik izan ez dugun herriok, ez gara, oraindik, demokrazia ikasle pattal batzuk besterik. Diktadura desagertu zenetik gure arteko askok demokrazia eta politikagintza bazterrak nahastera zetozen kontu zikin kontsideratu zituzten. Isilik eta tranpan egotea erosoago zitzaien herritar baten eskubide eta beharkizunetan zintzo zailtzea baino. Antipolitika instalatu zen gure artean. Abertzaletasunak ez du horretan ardura gutxi izan, jende asko baitago abertzaletasuna, edozein abertzaletasun, egoera natural eta berezko bat dela uste duena eta abertzaletasuna ez den oro politika dela, jendea gaiztotzeko tresna artifizial zahar bezain pozoitsua. Podemos jaio, indartu eta gaineratu da Espainia osoan politikagintzaren ustelkeria eta baliorik ezaren arrazoizko ustetan oinarrituta, politikagintza "klasikoa" ukatuz. Hemen, Euskal Herrian, ere, nire uste guztien kontra, badirudi presentzia sendoa duela. Gure arteko politikaren ukatzaileak ezkutatu edo botereratu zirelakoan nengoen, baina nonbait herritar asko galdezka ari dira egin eta lortu dutenaz, alderdi klasiko bat gehiago bilakatu ote diren eta horregatixe arazoek iraun egiten ote duten. Zein eta zeinentzat ote hemengo zigorra?
news
argia-6ad2066ad6f6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/ustelkeriaren-eta-gestio-txarraren-mapa-araban.html
Ustelkeriaren eta gestio txarraren mapa Araban
Mikel Garcia Idiakez
2015-02-09 00:00:00
Ustelkeriaren eta gestio txarraren mapa Araban Arabako erakunde publikoei lotuta atzeman diren balizko ustelkeria kasuak eta gestio desegokiak bildu ditu Adi elkarteak bere webgunean. Adibide nagusiak ekarri ditugu hona. Iradier Arena: Ekitaldiak egiteko Iradier Arena estadioa alokatzerakoan hainbat promotoreri Gasteizko Udalak egindako tarifa-beherapenetan irregulartasunak, pribilegio tratua eta delitu zantzuak atzeman ditu fiskaltzak, bai Patxi Lazcoz (PSOE) alkate zenean, baita Javier Marotoren (PP) garaian ere. 21 Zabalgunea : Gasteizko garapen urbanistikoaz arduratu den udal erakunde publikoa da 21 Zabalgunea. Erakunde honen bitartez, 2006an Alfonso Alonsoren (PP) udal gobernuak egindako erosketa bat ari da ikertzen Espainiako Kontu Auzitegia: lurrak erosi zituen 21 milioi euroren truke, alegia 45 euro ordainduta metro koadro bakoitzeko, batez besteko kostua metro koadroko 2-5 eurokoa zenean eta lur horiek Hiriaren Plan Orokorrak aurreikusten ez zituenean. Gertakaria preskribatua dagoela egotzita, ikerketa oztopatzen saiatu da Maroto. Bestalde, PPren legegintzaldian burutu gabeko hogei bat proiektutarako 51 milioi atera izana salatu du Patxi Lazcozek. San Antonio kaleko lokalak: Alfonso Alonso Gasteizko alkate eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zirela (PP), San Antonio kalean Gonzalo Antón enpresariarekin sinaturiko kontratu susmagarriak (Antónek lokalengatik ordaindutakoaren bikoitza baino gehiago ordainduko ziotela hitzartu zuen Udalak) 7 milioi euroko zuloa utzi du. De Miguel kasua : 2003-2007 legegintzaldian Zanbrana herrian Maria Justina Angulo (EAJ) alkate zela, ezerezean geratu ziren birkalifikatze urbanistikoak adostu zituzten eta prozesuan kobratutako ustezko komisio ilegalak 15,8 milioi eurora iritsi daitezkeela dio prentsak . Ustelkeriaren kontrako EAEko sumariorik handiena da, 30 inputatu ingururekin, tartean Zanbranako alkatea zena eta Alfredo de Miguel azpijokoaren ustezko burua (EAJ). Ihurreko depositua . Gasteizko Ihurre kontzejuko ekaitz biltegiak 8 milioi euroko inbertsio publikoa izan zuen, Alonsoren legegintzaldiak bultzatuta. Espainiako Sare Elektrikoak ilegala zela ohartarazi zuen arren (goi-tentsioko linea baten azpian dagoelako) eraikitzen jarraitu zuten, jaramonik egin gabe. Deposituari ez zaio inoiz erabilerarik eman. Epsilon : F-1 taldea sortzeko proiektuak, aurrera atera ez denak, 46 milioi euroko galerak utzi ditu funts publikoetan. Arduraduna, Joan Villadelprat, 900.000 euroko isuna ordaintzera eta hiru urteko inhabilitaziora zigortu dute. Hiriko : Automobil elektrikoa egiteko proiektuak, gauzatu ez denak, 14,7 milioi euro xahutu ditu laguntza publikoetan (proiektuaren aurkezpenak bakarrik 166.000 euroko kostua izan zuen). Kasua ikertzen ari dira. AP-1 : AP-1 autopista mantentzeko Arabako Aldundiak (EAJ aginduan zela) Bidelan enpresarekin sinaturiko kontratuan prebarikazioa eta funts publikoen bidegabeko erabilera salatu ditu EH Bilduk eta salaketa tramitera onartu du Arabako Fiskaltzak. Lan beragatik bi aldiz ordaintzea eta ondorioz 3 milioi euroko gainkostua bere gain hartzea ekarri du kontratuak, nahiz eta orduko txosten tekniko eta juridikoek ohartarazi zuten kontratua kaltegarria zela Aldundiarentzat. Afera azaleratu ostean, kontratuari uko egin berri dio Bidelan enpresak. Krea kultur gunea: 18 milioi euroko inbertsio publikoaren emaitza da Krea kultura garaikidearen sorkuntza eta zabalkuntzarako gunea, Gasteizen. Baina eraikin eta ondare publiko honetan unibertsitate amerikar pribatu bat ezartzeko saiakera abiatu dute. Arabako Lanak : Kontratu publikoak nahieran eta zuzenean esleitzea leporatu dio PP buru duen Arabako Foru Aldundiari (honen baitako Arabako Lanak sozietate publikoari) Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, eta frogatzeko, diru kontuen auditoria egin dezala eskatu dio. Swap -ak : 2006. urtetik 8,8 milioi euro galdu ditu Foru Aldundiak, obra publikoak finantzatzeko kontratatutako sei swap edo arriskudun finantza produktugatik. Diru gehiago ez galtzeko, swap -ak birnegozia ditzala eskatu du oposizioak.
news
argia-7f144f2ca61a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/bidasoaldeko-uraren-kudeaketa.html
Arrazoirik badago Jaizkibel zurrupatzeko?
Urko Apaolaza Avila
2015-02-15 00:00:00
Arrazoirik badago Jaizkibel zurrupatzeko? Jaizkibelgo lurpeko akuiferoak ustiatzeko azpiegitura jadanik eraikita dago. Ekologistek diote ez dela horren beharrik, eta salatu dute Txingudiko mankomunitateak "lehorteak asmatu" dituela plubiometriak faltsutuz eta ubideak txostenetatik desagerraraziz. Jaizkibelgo iparraldeko hegian 75 eta 120 metro arteko sakonera duten sei putzu eraiki zituzten Txingudi Zerbitzuak (Txinzer) mankomunitateak eta Gipuzkoako Aldundiak 2011n, mendi hartako lurpeko ura zurrupatzeko. Halaber, 14 kilometroko hoditeria sartu zuten ura Bidasoaldeko herrietara garraiatzeko, elektrizitate sarea muntatu, energia transformazio zentroak eta biltegiak eraiki... Guztira 8 milioi euroko kostua. Erakunde publiko horien esanetan, lehorte handi baten aurrean –1990ekoa bezalakoa– Bidasoaldeko ur hornidura sistema ez legoke prestaturik herritarren eskaerari aurre egiteko, eta hori bermatu nahi zuten azpiegitura berriarekin. Talde ekologistek gogor kritikatu dute obra. Jaizkibel mendia Natura 2000 Sarean babesturik dago, besteak beste, eta balio handiko ezaugarri naturalak gordetzen ditu, errekastoetatik hasi eta iratze paleotropikaletaraino. Lur azpiko ura zurrupatzeak arriskuan jarriko luke hori guztia, haien esanetan. Endara edo San Anton urtegiaren maila %80tik jaisten denean Txinzerrek Jaizkibelgo putzuak erabili ditzake. Putzu horiek Irun eta Hondarribiko ur eskaeraren %60 asetzeko adina gaitasun omen daukate, baina legearen arabera ezin da ur baliabideen %25 baino gehiago ponpatu. Hain justu, ekologistek salatu dute Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak emandako baimenak kopuru hori orotara gainditu egiten duela, ez baita kontuan hartzen putzuetatik ez ezik, errekastoetatik ere ura jasotzeko dagoen emakida. EHUko Hidrogeologia eta Ingurumen sailak eta Hydrolur elkarteak egindako ikerketa baten arabera – Munibe aldizkari zientifikoan argitaratua 2014ko azaroan–, Jaizkibelgo sabelak elkarrengandik bananduta dauden hainbat akuifero dauzka. Ikerketak dio egindako ponpaketa-saioak oso laburrak izan direla ondorioztatzeko kalterik eragingo ote duten epe luzeagoan. Ura harearrizko geruza porotsuetan gordetzen da batez ere, eta harriari erauzten zaio: "Motzean esateko, spontex moduko bat da", dio Angel Alkain Jaizkibel Mendia Babes Dezagun (JMBD) taldeko kideak. Talde horrek urteak daramatza Bidasoaldeko ur hornidura sistema ikertzen. Beren esanetan, ingurumenari egingo dion kalteaz gain, bada beste arrazoi garrantzitsu bat Jaizkibelgo putzuak ez erabiltzeko: ez dago ur beharrik. Irundar eta hondarribiarrek etxeetan eta enpresetan fakturatutako ur kopuruaren urteko batez bestekoa ez da 6 hektometro kubotik igaro azken bi hamarkadetan; kontsumoa gainera, beherantz doa urtetik urtera hamarkadatan –2013an 4,4 Hm3 baino ez ziren izan–. Ubideetatik ihes egin dezakeena kontuan edukita JMBDeko kideek kalkulatu dute ur eskaera 6,5 Hm3 ingurukoa dela. Bada, Bidasoaldeko ur erreserba nagusiena den Endara errekako arroan hori baino ia hiru aldiz ur gehiago dago eskura. Endarako ura nahasita dator Nemesio Echaniz bideetako ingeniariak Endara errekako San Anton urtegia diseinatu zuenean, uste zuen Irunek 1993an 126.000 biztanle izango zituela eta herritar bakoitzak eguneko 350 litro beharko zuela. Egun, 116 litrora ez da iristen kontsumoa eta Irunek uste zena biztanleriaren erdia dauka. Urtegia Nafarroako lurretan dago, Lesakan, eta 5,5 Hm3 ur biltzeko gaitasuna du. Osotara baina, urtegiaren arroak 10,5 kilometro koadro ditu eta hortik 17,7 Hm3 ur ateratzen dira urtean. Izan ere, plubiometria maila oso altua da bertakoa, Euskal Herriko altuenetakoa: 2.400 mm-tik gora euri egin dezake zonalde horretan. Baina Endarako plubiometria neurketa ofizialek mesfidantza handia sortu dute. JMBDek salatu du Txinzerrek 2007 eta 2012 arteko datuak faltsutu zituela, euri gutxiago egin zuela azaltzeko. Hala, mankomunitateak bere memorietan emandako datuek ez dute bat egiten Nafarroako Gobernuak dituenarekin. Adibidez, 2007an metro koadroko 2.492 litro ur erregistratu zituen Meteo Navarrak, Txinzerrek aldiz 1.916 litro egin zituela jarri zuen, hau da, ia 600 gutxiago; 2008an 700 litrotik gorakoa da aldea, eta hurrengo urteetan ere diferentzia antzekoak aurki daitezke; 2011n esaterako metro koadroko 1.000 litro ahaztu zitzaizkion apuntatzea Txinzerri. Ostera, 2013ko memorian Txinzerrek berak datuak zuzendu eta egiazko kopuruak jarri zituen beste azalpenik eman gabe. Zer dela eta gorabehera horiek plubiometriarekin? Txinzerrek bere webgunean hala du idatzita: "Etorkizunean lehorteak ustez latzagoak izango direnez eta eskualdeko biztanleen kopuruak gora egiteko joera duenez, behar-beharrezkoa da Jaizkibel aldeko zorupeko uren ustiakuntza emendatzea". JMBDren ustez manko- munitateak sinetsarazi nahi izan du Endara arroan ur gutxiago dagoela Jaizkibelgo putzuen eraikuntza justifikatzeko, "lehorteak asmatu nahi dituzte" diosku Alkainek irmo. Areago, txostenetan azpiegiturak ezkutatu dituztela diote talde ekologistakoek, helburu berarekin. Zer ari da gertatzen Hirugurutzetako zentralean? Domiko urtegi txikia bailaran gorago joanda aurki liteke eta Endarakoa eraiki aurretik bertatik edaten zuten Irungo herritarrek. Urtegitik ura desbideratzen da kanal baten barrena Hirugurutzeta izeneko zentral hidroelektrikora eta hortik zuzenean Bidasoara isurtzen da, beste aprobetxamendurik gabe. Bada, Txinzerrek baliabide horren berririk ez zuen eman 2006an Jaizkibelgo putzuen beharra arrazoitzeko txostenean. 2013ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik eta URA agentziako zuzendari Iñigo Ansolak azalpenak eman zituzten Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduko Dani Maezturen eskariz. Ansolaren esanetan Domiko urtegiak 0,36 Hm3-ko gaitasuna dauka eta horrek ez du "bermatzen" ur hornidura. Hau da, ur kopuru txikiaz ari garela kanal horretatik isurtzen denaz hitz egitean. Ez daude ados JMBDko kideak, honela azaldu du Jose Ramon Enparanek: "Domiko arketa moduko bat da, ez da soilik zenbat pilatzen den urtegiaren barruan, zenbat ur bideratzeko gai den baizik". Datu ofizialen arabera, 2013. urtean 6,2 Hm3 ur turbinatu zituen zentralak; Bidasoaldeko herritarren kontsumorako aski litzateke kopuru hori. Ekologisten ustez Hirugurutzetako zentralean gertatzen ari dena klabea da, kasu honetan ere Txinzerrek helarazitako datuak arras ezberdinak baitira esku artean dituztenekin alderatuta. Esaterako, Txinzerrek dio 2008. urtean 1,8 milioi kWh argindar sortu zuela zentralak, baina Ikaur ingeniaritza enpresak Gipuzkoako Aldundiarentzat egindako ikerketa batean publikatu zuenez 3,9 milioi kWh produzitu zen urte hartan, halako bi baino gehiago alegia. Konpainia elektrikoen itzala ikusten dute JMBDkoek atzean eta behin baino gehiagotan eskatu dute Espainiako Energiaren Nazio Batzordeak zentral horri dagozkion datu errealak eman ditzala. Salaketa horiek argitzeko Argia harremanetan jarri da Txinzerreko arduradunekin, baina Leire Zubitur mankomunitateko kudeatzaileak ez die astekariaren galderei erantzun nahi izan. Zubitur gerentzian hasi berria da, bere aurretik urte askoan ibilitako Miguel Angel Muñagorrik erretreta hartu ondoren. Txinzerreko administrazio kontseilua, halaber, PSE eta EAJren esku dauden Irun eta Hondarribiko udal hautetsiek osatzen dute. Hain justu EAJko legebiltzarkide den Maria Eugenia Arrizabalagak "konspiranoia" egotzi zien JMBDko kideei Eusko Legebiltzarrean iaz egin zuten agerraldian. Arrizabalagaren esanetan Jaizkibelgo putzuak egiteko arrazoi "bakarra" lehorte kasuetan biztanleriak ur hornidura bermatua edukitzea da: "Ezagutu genuen 90ean zer lehorte jasan genuen. Ni akordatzen naiz Zumaiara nola etortzen ziren egunero-egunero kamioiak zisternetan ura ekarriz". Alkainen iritzitan 1989-90eko egoera eta oraingoa ez dira konparagarriak. Urte haietan San Anton urtegiaren eraikuntza bukatuta zegoen "baina hodia oraindik jarri gabe zegoen, orduko argazkietan ere ikus daiteke hori", dio hondarribiarrak. Enparanentzat ere lehortearen kontuak ez du justifikaziorik, urterik lehorrenetan euri kopurua ez delako 1.600 mm-tik jaitsi, nahikoa ur eskaera asetzeko. Bestalde, larrialdirik izanez gero Jaizkibelgo errekastoetara ere jo dezakete, "beti egin izan den moduan", dio Alkainek; bertotik 4,4 Hm3 ateratzeko baimena du Txinzerrek. Auzitegiek zigortuta Ekologistek behin baino gehiagotan jo dute auzibideetara mankomunitatearen kudeaketa txarra dela eta. 2013ko azaroan Eguzkik salaketa jarri zuen Endara errekak ur gutxi zeramalako. Argiak argitaratu zuen moduan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak 3.000 euroko isuna jarri zion Txinzerri, ura Domikoko kanalera desbideratu eta Endarak behar duen emari ekologikoa ez errespetatzeagatik. Ingurumen-inpaktuaren txostena ere epaitegietan ibili dute. Jaizkibelgo putzuak egiteko proiektuaren ebaluazio "sinplifikatua" onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta ekologisten ustez prozedura zehatzagoa behar luke. Ingurumen fiskaltzak ordea atzera bota du eskaria. Nolanahi ere, JMBDko kideek babes gehiago lortu nahi dute Bidasoaldeko uraren kudeaketaz dituzten zalantzak argitu eta Jaizkibel mendiko akuiferoak ukitu ez ditzaten. Esaterako, Gipuzkoako Aldundiarengana joko dute, uste baitute erakunde honek baduela erantzukizunik.
news
argia-c8acb0b12c7a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/telebista-etorkizunik-gabeko-asmakizun-hura.html
Telebista, etorkizunik gabeko asmakizun hura
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-02-15 00:00:00
Telebista, etorkizunik gabeko asmakizun hura Helensburgh (Eskozia), 1888. John Logie Baird ingeniari, fisikari eta asmatzailea jaio zen. Besteak beste, munduko lehen telebista mekanikoa, publikoki frogatutako koloretako lehen telebista sistema eta koloretako lehen telebista-hodi erabat elektronikoa hark asmatu zituen. Horrek guztiak, telebistaren eta oro har zientziaren historian toki nabarmena ekarriko zion gerora; 2002an BBCren "100 britainiar handienak" zerrendako 44. postuan ipini zuten eta 2006an Eskoziako hamar zientzialari garrantzitsuenen zerrendan sartu zuten. Baina hastapenak ez ziren errazak izan asmatzailearentzat. 1925eko urriaren 2an, Bairdek lehen telebista irudia igorri zuen arrakastaz: bentrilokuo baten panpinaren irudia zen, bertikalki eskaneatutako 30 lerroz osatuta zegoen eta segundoko bost irudi igortzen zituen. Publizitate bila, Bairdek Daily Express egunkarira jo zuen asmakizuna sustatzera. Egunkariko albisteen editoreak zera esan zuen, haren lankide batek jasotakoaren arabera: "Jainkoarren! Zoaz harrera gunera eta libratu zaitez han dagoen zoroaz. Irrati bidez ikusteko makina bat duela dio. Kontuz ibili, baliteke labana bat eramatea". Egunkariko erredakzioan ez beste leku askotan erakutsi zuen Bairdek ero ez zegoela eta makina hark funtzionatzen zuela. Eta, hala ere, zenbaitek ez zion tramankuluari erabilera komertzialik aurreikusi. Lee Dee Forest (1873-1961) AEBetako asmatzaileak honakoa esan zuen: "Ezin dugu denbora galdu asmakizun horrekin ametsetan". 1936an, Radio Times astekariko editore baten esanetan: "Telebistak ez du inolako garrantzirik izango zuen bizitzan, ezta nirean ere". Handik urte batzuetara, ordura arte soilik irratia hizpide zuen astekarian telebistari buruzko edukiak nagusituko ziren. 1946an hil zen John Logie Baird. Ordurako inork gutxik jartzen zuen zalantzan telebistaren etorkizuna. Darryl F. Zanuck zine ekoizlea zen salbuespenetako bat, besteak beste, How Green Was My Valley, All About  Eve edo The Longest Day klasikoak ekoiztu zituena. Urte horretan bertan egin zituen Zanuckek adierazpen hauek: "Jendea berehala aspertuko da gauero egur kontraxaflatuzko kaxa bati begira egoteaz". Eta ezin esango dugu erabat oker zegoenik, egun jendea bestelako materialez egindako telebista lauei begira egoten baita gauero.
news
argia-b33d6026d3ee
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/zinegoak.html
Afrikatik Suediara tabu sexualak gainditzen
Mikel Garcia Idiakez
2015-02-15 00:00:00
Afrikatik Suediara tabu sexualak gainditzen Harreman sailkaezinak, familiaren kontzeptua, generoa, maitasun erromantikoa... Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 12. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian, sari nagusiak lortu dituzten bi pelikulek lehen planora ekarri dituzte ezkutuan geratu ohi diren gaiak. Bere burua heterosexualtzat duen Andreas gazteak gustuko du Sebastian androgino eta femeninoa. Pasioz biziko dute elkarren arteko harremana, baina mutila da Sebastian, bere alde femeninoa bezainbeste maite du bere alde maskulinoa, eta hori ez du horren gustuko Andreasek... Gizartearen arauei aurre egin nahi dien harreman batez eta generoetan sailkatzeak ezartzen dituen mugez ari da Ester Martin zuzendari suediarraren Nånting måste gå sönder (Zerbait apurtu beharra dago). "Biolentzia, pasioa, maitasuna eta poesia darion obra" delako, fikziozko luzerik onenaren garaikurra lortu du. Pilar Monsell zuzendari espainiarrak berriz, aita du protagonista África 815 lanean (dokumental luzemetrairik onenaren saria jaso du): aitak lau liburukitan du idatzia bere bizitza, eta halako batean, haren memoriak irakurtzera ausartu da alaba, memoriotan sakontzearekin batera aita itaunduz eta dokumentala errodatuz. Hala deskubritu du zuzendariak Sahararekiko aitak duen lilura, soldadutza egin zueneko oroitzapenei lotuta. "Aita homosexuala dela ez da inoiz tabua izan. Madrildik Saharara soldadutza egitera joan eta gizonez inguratuta, hain mundu maskulinoa izan arren, paradoxikoki liberazio modukoa izan zen aitarentzat, bere orientazio sexuala libreago bizi zezakeela sentitu eta ulertu zuen han". Epaitu gabe entzuten ikastea Dokumentalak iraun duen hiru urteko prozesuan, entzuten ikasi duela dio zuzendariak, aita epaitu gabe entzuten, kontatzen zuen historia kontatzen zuela. "Gustuko ez ditugun bizitzako aferen onarpenaz" mintzo da filma. Finean, maitasun erromantikoa edo familia bat eraikitzeko proiektua bezalako babesguneak apurtzen direnean, frustrazioa eta porrot sentsazioa nagusitzen direnean, maitasuna edota familia gisako kontzeptuen esanahiaz hausnartzeko eta benetako desioetan sakontzeko parada aproposa izan daiteke. "Elkarrekin bizitzeko, besteekin harremanak izateko moduarekin du zerikusia maitasunak, ez litzateke maitasuna bikote harremanera mugatu behar, hortik harago doan zerbait da". Ikusi aipaturiko bi pelikulen trailerrak:
news
argia-cdced91a5c70
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/etxepare-euskal-institutua.html
Euskara poloniar erara
Malen Aldalur
2015-02-15 00:00:00
Euskara poloniar erara Etxepare Euskal Institutuak munduko 34 unibertsitatetan ditu irakurleak (euskara irakasleak), horietatik bi Polonian; bata Varsoviako Unibertsitatean eta bestea Adam Mickiewicz Poznango Unibertsitatean. Bertako irakurleekin eta ikasleekin solasean aritu gara, batzuekin euskaraz eta beste batzuekin ingelesez. Europa erdialdean kokatuta dago Polonia. Baltiko itsasoak, Lituaniak, Bielorrusiak, Ukrainak, Txekiar Errepublikak, Eslovakiak eta Alemaniak inguratzen dute. Hizkuntza eta kulturaz baranotua bizi da, baina bada begiak ingurutik altxa eta Euskal Herrira begira jarri denik. Maialen Sobrino eta Aitor Arruza euskara irakasten ari dira Poznanen eta Varsovian, hurrenez hurren. Bi irakurleekin eta bakoitzaren bi ikaslerekin hitz egin dugu. Daria Salamonowska eta Tomasz Lechowski, Varsoviako Unibertsitateko ikasleak dira. Bi urte inguru daramatzate euskara eta euskal kultura ikasgaia ematen Arruzaren gidaritzapean. Salamonowskak, "Euskaraz bizi nahi dut" kamiseta beltza darama soinean eta lauburu bat paparretik zintzilik. Lechowskik ez darama inolako euskal ikur edo kamisetarik, baina euskara ikasten bi urte soilik eramateko txukun moldatzen da. Elkarrizketa guztia egin dugu horrela, distantziak eta interneteko konexioek sortzen dituzten interferentzia eta ezin ulertuak tarteko. Varsoviatik 309 kilometrotara dago Poznan. Han ere bada mihia euskaraz mugitzen duenik, nahiz eta elkarrizketa egiteko orduan nahiago izan duten ingelesa erabili. Urrian hasi zen Sobrino irakurle gisa Polonian, une honetan hamar bat ikasleri ematen dio euskara eta euskal kultura ikasgaia, Argiak horietako birekin hitz egiteko aukera izan du: Iga Jasiewicz eta Zofia Byczyk. Euskara ahora Ikasleen perfila anitza da: hizkuntza ikasketak egin dituzte batzuek, familia hemengoa dute besteek, kuriositateak bultzatuta ikasi dute hirugarren batzuek. Batek jakin zer den benetan erakarri dituena, baina kontua da euskarara kateatu direla. Salamonowskak hispaniar filologia ikasi zuen, eta horrek bultzatu zuen euskara eta euskal kultura ikasgaian izena ematera. "Hispaniar filologiaren baitan gehien erakarri nauen gauzetako bat izan da euskara eta euskal kultura", esan du. Lechowskik berriz, burugogorkeriagatik edo: "Denek euskara oso berezia zela esaten zidaten eta ikasteko zaila edo ia ezinezkoa. Nik aurkakoa frogatu nahi nuen", baita frogatu ere, aise moldatzen da gazte poloniarra gure hizkuntzan. Arruza haren irakasleak dio, horretan baduela "euskaldun itxura". Biek ezagutzen dute Euskal Herria eta laket zaie. Laboaren kantuak dioen antzera "maite dituzte maite gure bazterrak". Lehenengoz Etxepare Institutuak eskainitako bekekin etorri ziren barnetegira –Lezora eta Portugaletera– euskaraz dantzatzera, jostatzera eta jardutera. Baina beraien kabuz ere bisitatu dute Euskal Herria, eta Laboaren kanta berak dioen bezala baita bertako bazter miresgarriak ere. Lechowskik esaterako, 2014an hilabete pasa du bertan, Donostia, Tolosa, Bilbo eta beste zenbait txoko ezagutzen. Dena den, Donostiako Alde Zaharreko pintxoak, Guggenheimeko eraikin ultra modernoa, eta Tolosako babarrunak gustatzen baldin bazaizkie ere, ez dira horiek euskara ikasteko arrazoiak, edo ez horiek bakarrik behintzat. Nor edo nork pentsatuko du Polonian euskaraz jakiteak gutxirako balio dezakeela, baina Salamonowskak dio etekin "ederra" atera diola berak. Euskal kulturan zuen interesa baliatuta bere diplomatura amaierako lana sagardoari eta txalapartari buruzkoa egin du eta "arrakasta itzelarekin" gainera. "Lana egiterako orduan asko lagundu zidan euskaraz zerbait jakiteak eta gehiago ikasteko interesa ere piztu zidan", esan du ikasle poloniarrak. Ttakun hotsa eta sagardoaren mikatza ere iritsi dira Poloniako zirrikituren batera. Hiriburutik Poznanera salto egin eta Sobrinok dio bere ikasle gehienak hizkuntzalaritza ikasleak direla. Horietako bat da Jasiewicz. Berak, hizkuntzalaritza ikasi du eta hortik egin du jauzi euskara eta euskal kultura ikastera. "Ikasketengatik hasi nintzen euskara ikasten baina egia esan hizkuntza aparta iruditzen zait", esan du Jasiewiczik. Dena den, ez dira hizkuntzalariak soilik euskara ikastera animatzen direnak. Sobrinok dio askorentzat euskal kultura oso erakargarria dela, "misterio" kontuengatik. Nondik datorren ez jakiteak halako "exotikotasun" bat sortzen dio hizkuntzari: "Etxetik hurbil, Europan, kultura zahar, aberats eta ezezaguna izateak nolabaiteko irrika sortzen die".  Badu beraz euskarak magiarik, sorginkeriak harrapatuta dabiltza estudianteak. Poznango bi ikasleetatik bakarra izan da Euskal Herrian. Byczyk  Etxepare Euskal Institutuak urtero eskaintzen dituen beketako batekin egon zen Zornotzako barnetegian bi astetarako. Jasiewiczek berriz ez du oraino honantz etortzeko betarik izan.   Zer dakite guri buruz? Akaso mendian baserritarrez jantzita bizi garela pentsatuko du bakarren batek, irrintzi bidez komunikatuz. Egongo da Euskal Herria entzun eta Anne Igartiburu eta Xabi Alonso soilik bururatuko zaizkionik, edo Bilbo eta Guggenheim kokatzeko gai izango ez denik. Baina Argiak elkarrizketatutako ikasleek apenas zuten aurreiritzirik Euskal Herriaren eta euskal herritarron gainean. Jasiewiczek dio oso gutxi entzun izan duela Euskal Herriari buruz: "Banekien Euskal Herria deituriko zerbait existitzen zela eta ETAri buruz ere banuen zer edo zer entzuna eskolan eta hedabideetan, baina hortik aurrera ezer gutxi". Gainerakoak ere antzera. Lechowskek, esaterako, dio orain ari dela bere lehenengo iritziak eraikitzen, aurrez deus ez baitzekien. Beraz, askotan irakasleek zerotik abiatu behar dute ikasketa prozesua, horrek badu zerbait erakargarritik Arruzarentzat: "Poztasun handia ematen dizu norbaiti zer garen erakusteak". Varsoviako irakurleak dio ikaragarria dela nola ikasten duten euskaraz hain denbora gutxian, erdi txantxetan, eta bera polonierarekin "nahi eta ezinean" dabilela aitortu du. Euskara eta euskal kultura bat izango balira bezala bizi dituzte, bata bestea gabe "hankamotz" leudekeela uste du Sobrinok eta bat datoz haren ikasleak ere. Dena den, batzuek badituzte lehentasunak, Lechowskek esaterako berean jarraitzen du: "Nik nahiago dut euskara, batez ere, zailagoa delako". Euskarak badu bere lekua munduan, zatitxo bat Polonian.
news
argia-196015cfdfae
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/corto-maltese.html
Marinelaren guraso berriak
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-02-15 00:00:00
Marinelaren guraso berriak Pertsonaia mundura ekarri zuen Hugo Pratt hil zenetik 20 urte beteko diren honetan, Corto Maltese bizirik ikusiko dugu berriz, urrirako iragarri duten album berrian. Juan Díaz Canales eta Ruben Pellejero espainiarrei egokitu zaie ikusmin handia sortu duen komikia osatzea eta azkeneko istorioaren jarraipena izango dela aurreratu dute. Horrelakorik nola egiten den, berezko egilearekin kontsultatzea ezinezkoa denean? Ez dirudi ouija baliatuko dutenik Pratt zenarekin hitz egiten saiatzeko. Canalesek iazko urrian El País egunkariari adierazi zionez, "autoreak gara, eta guretik pixka bat izango du, baina pertsonaiari fidel izatea da helburua eta, ahal den neurrian, grafismoari ere bai. Sailaren jarraipena denez, super arduratsuak izaten ari gara kronologiarekin eta pertsonaiaren bibliografiarekin". Lehen emaitzak ikusi ahal izan dituztenek –Pratten biografo Dominique Petitfaux-ek, berbarako– emaitza bikainez hitz egin dute Le Figarorekin solasean. Pratt "klasikoaren" giroak gogora ekarri dizkiola esan du Petitfauxek, Jesuit Joe albumak zeukan itxuraz akordatu dela. Fan batek berreskuratua Obra berriaren lehen laginak ikusi dituztenei buruan oihartzun horiek eragin izana ez da harritzekoa, pertsonaia berreskuratuko duen marrazkilaria Ruben Pellejero dela kontuan izaten badugu: 1985ean Dieter Lumpen sortu zuen, Prattek sortutako marinelaren eragin nabarmena zeukan pertsonaia. Argitalpen handi baten aurrean gaude, sortuko duen ikusminarengatik bezainbeste publikatzeko hartuko diren lanengatik: hiru argitaletxeren elkarlana –Casterman, Rizzoli eta Norma–, eta gutxienez 150.000 aleko tirada. Zoritxarrez, Maltese erdaretan baino ez zaigu berpiztuko. Urrun daude 1980ko hamarkadaren hondarrean Baionako Antxeta argitaletxeak egindako ahaleginak: Ethiopikoak euskaraz irakurtzeko aukera eman zuen apustu hark, baina segidarik ez du izan. Agian komikiak inguruotan bizi duen azkenaldiko berpizkundetxoaren barruan, norbait animatuko da berriz.
news
argia-20b64481a735
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/nancy-fraser-politologoa.html
"Emakume pribilegiatu gutxi batzuk toki batetik bestera mugitu dira, hori da egin den guztia"
Onintza Irureta Azkune
2015-02-15 00:00:00
"Emakume pribilegiatu gutxi batzuk toki batetik bestera mugitu dira, hori da egin den guztia" Nancy Fraser politologo eta feminista estatubatuarra da. Bere ustez, emakume multzo batek baino ez du lortu boterea hartzea. Haiek gizonekin lehiatzen dira, eta gizonen jarrerak imitatzen dituzte. Egiturak bere horretan segitzen du: produkzio ekonomikoa eta erreprodukzio soziala ez dira uztartu. Nancy Fraserri Mariana Vilnitzky-k egin dio elkarrizketa Alternativas económicas aldizkarian (2014, iraila) eta ondokoa zati baten itzulpena da. Jatorrizkoa paperean baino ezin da eskuratu. P. Thompson historialariak Iraultza industriala baino lehen ere lan bikoitzaz (etxean eta kanpoan) kexatzen ziren emakumeak aipatu zituen. Historian zehar hala izan da. Salbuespen tarte batean langile gizonek borrokatu eta zenbait kasutan lortu zuten "familia soldata" izenekoa. Familia guztia mantentzeko balio zuen. Emakumeek ez zeukaten kanpora lanera atera beharrik dirua irabazteko. Langile klaseak hori nahi zuen eta horren alde egin zuen borroka. Baina salbuespena izan da. Dena dela, ez dirudi emakumeen aldeko jarrera denik… Noski ezetz. Menperatze maskulino eta menpekotasun femenino modu bat zen. Babes handia eman zioten Ingalaterrako, Amerikako Estatu Batuetako, Frantziako eta beste hainbat herrialdetako langileek. Baina salbuespena izan zen zeharo. Emakumeek beti izan dute lan bikoitza. Lan eta lan egiten dute familiako aurrekontuari ekarpena egiteko. Munduan ba al da tokirik emakumea menpekotasun horretatik askatzea lortu denik? Ez dut uste halakorik lortu denik. Agian, parekidetasun gabezia motak aldatu egiten dira herrialde eta erregio batetik bestera. Asiako hegoaldean, herrialde batzuetan, emakumeak kalera ateratzea ere debekatuta dauka oraindik, patriarkatua ulertzeko modu oso zaharra da, nahiz eta gauzak aldatzen ari diren. Menpean hartzeko modu oso modernoak ere badira, egituren bidez, aitaren edo senarraren debekuen bitartez baino. Amerikako Estatu Batuetan daukagu menpean hartzeko modu modernoa, lan bikoitza, gero eta sarriago hiru edo lau lan dira, egoera ekonomikoak hala eraginda. Egoera prekarioan dauden emakume askok enplegu bat baino gehiago dituzte. Askok hamar ordu egiten dituzte McDonalds-en, beste hamar Wallmart-en, beste hainbat denda batean. Egun erdiko eta denboraldi baterako lanak dira. Tunelaren bukaeran argirik ba al dago? Itxaropena borroka sozialen gaitasunean dago. Ez da automatikoki gertatuko. Emakumeon esku dago aldaketa. Feminismoak garaiak dauzka, garai biziak eta geldiagoak. Gaur egun, feminismo erradikala geldirik dago, eta bere tokian feminismo liberala daukagu. Nire ustez, feminismo horrek arazoak sortzen ditu, desegokia da. Zergatik? Emakume profesional oso pribilegiatuak, heziketa maila altukoak, kualifikazio handikoak, mundu korporatiboan eta militarrean postu gorenetan daudenak enpoderatzen ari dira, beste hitz batzuetan esanda "kristalezko sabaia puskatzen ari dira". Gailurrera heldu, gizonekin lehiatu, gizonen erara. Botere mota "maskulinizatua"… Guk esaten dugu "sozialki maskulinoak" bihurtzen direla. Mota horretako feminismoak du indarra Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterran, munduko leku askotan. Nazioarteko Diru Funtsaren gidaritza duen Christine Lagarde bezalakoak dira. Baina NDFk munduaren zati bat kanpoan uzten badu doitze estruktural eta politikoak eginda, eta hori egiten duena emakumea bada, hori ez da aurrerapena. Erreprodukzioan arreta jarriko duten politikentzat toki handirik dagoenik ez dirudi, erabat produkzioari begira antolatutako munduan. Zoritxarrez, boterean dauden emakumeek gizonek bezala funtzionatzen dute. 16 orduz egin behar dute lan gobernuan, enpresan, abokatutzan edo medikuntzan. Eta ez dute denborarik hartuko lixiba egiteko, ontziak garbitzeko, otorduak prestatzeko, bainerak garbitzeko, fardelak aldatzeko… Beste norbaitek egingo du lan hori guztia. Beste emakume batek? Gehienetan emakume etorkinak, beltzaranak, herrialde pobrekoak, nekazaritza gunekoak. Ohikoa da emakume horrek soldata oso murritza izatea, bere haurrak utzi izana edo bera baino are pobreagoa den norbaiti utzi izana zaintzeko. Hasieran aipatu ditudan emakume horiek emakume hauen bizkar dute arrakasta. Produkzioaren betiko historia da, erreprodukzioaren gainean eraikitzen dela. Emakume pribilegiatu gutxi batzuk toki batetik bestera mugitu dira, hori da egin den guztia. Baina egitura ez da aldatu. Nola alda daiteke egitura, gure inguruko guztia beste era batera badago antolatuta? Nola esan daiteke: "Lauretan banoa zeren bostetan umea eskolan jaso behar dut" eta atzean ez geratu, gauza bera beste inork egiten ez badu (eta noski, bere aitak ez du egiten)? Eman duzun adibidea, orain daukagun egituran bizi den eta borroka hor egin behar duen pertsona baten ikuspegia da. Zer gertatuko litzateke "lan egitura hau ez da bidezkoa eta aldatu egin behar dugu" esango lukeen mugimendu politikoa balego? Norbanakoaren borrokaz baino elkarte eta mugimenduen egitura berdiseinatzeaz ariko ginateke. Adibiderik ezagutzen al duzu? Bateren bat. Ez da perfektua, baina egin ziren saiakera batzuk. Herrialde komunistak zerbait desberdina egiten saiatu ziren. Ez zen derrigor ona izan, baina aurrerapen batzuk egin ziren, herrialde kapitalistekin alderatuta. Latinoamerikan ekonomia sozial eta solidarioko mugimendu kooperatiboak daude. Lanak banatzeko eredu kooperatiboak antolatzen ari dira, erreprodukzio soziala produkzio ekonomikoan integratzen dute. Jendea ari da saiatzen.
news
argia-70c16f3ca623
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/nik-ez-nekien-ezer.html
Nik ez nekien ezer
Xabier Letona
2015-02-15 00:00:00
Nik ez nekien ezer Kutxabaneko ustezko irregulartasunen erdian ere ETA agertu da, eta denak adierazten du datozen urteetan diru eta irregulartasun ugari agertuko direla haren aurkako borrokaren aitzakitan, ez baita inongo sekreturik diru eta jardun ugari izan direla iparreko gerraren estoldetan. Mario Fernándezen auziak epaitegietan zer emango duen zain, jarrera desegoki ugari antzeman daitezke operazioaren ingurumarian, batzuk legearen mugan direnak eta beste batzuk etikarenean. Ez dago zalantzarik ETAren jarduerak oso egoera gogorrak sortu dituela hamarkadatan eta, horren ondorioz, haren aurka jardundako askok Estatuaren mesede eta ordaina jaso dutela. Mikel Cabieces behin-behinekoz PSE-EEtik kanpo utzi duten  kide ohiarena izan daiteke horietakoa. Interesgarria litzateke, hala ere, mesede horien nor, noiz eta nola ezagutzea, seguruenik zerrenda horretan ere izango baita gehiago eta gutxiago jaso duenik, izan dirutan edo espezietan. Eta izango da baita jaso ez dutenen zerrendarik ere. Hausnarketa ugari sor daitezke kasuaren bueltan. Esaterako, ea zergatik agintariek gizartearentzat onuragarri jotzen duten esparru batean –ETAren aurkako borroka– jardundakoak saritu behar diren lanpostu edo bestelakoen bidez –haien lansariak zituztenean–, eta beste esparru batzuetan aritutakoak ez, adibidez gisa eskubideen alde edo pobreziaren aurka aritutakoak. Mario Fernándezek dio halakoak ohikoak zirela instituzio eta enpresa munduaren artean. Gutxienez, beraz, ondo legoke jakitea zein irizpide erabiltzen ziren. Nik ez nekien ezer. Hori da gisakoetan agertzen den lehen esaldia, eta hortik herritarren mesfidantza, ohikoan inork ez baitaki ezer. Baina ez, Mario Fernándezek bakarrik jakitea da sinesgarria ez den bakarra. Joseba Egibarren ahotik EAJk dio ez zekiela ezer, Fernándezena jarduera irregularra izan dela eta Cabiecesen lanpostuaz kontsultatu izan balitzaio,  alderdiak ez lukeela onartuko Kutxabanken halako esku-hartzerik, hori ez delako bere zeregina. Kontua ez da Fernández kontu kontari joan ote zitzaien jeltzaleei, hori baino sinpleagoa da, Espainiako Bankuak Kutxabankeko Administrazio Kontseiluko akta ofizialetatik jakin duelako auziaren berri eta EAJk ere bere ordezkariak dituelako organo horretan. Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko lehendakariak berak eman zuen aferaren berri Administrazio Kontseiluan 2014ko hondarrean, baina kontseilukideei ez bide zitzaien salaketa egin edo horren berri emateko adinako gaia iruditu. Ez EAJ, ez PSE ezta PPko ordezkariei ere. Bakarrik Villalabeitiari. Horregatik izango da, akaso, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekari salaketaren kontu hau guztia oso bitxia iruditzea. Seguru Jaurlaritzak ere prentsatik izan duela lehen berria, beste edozein herritarrek legez. Harriduratik haragoko adierazpen adierazgarriak badira politikarien artean. PSEko Jose Antonio Pastorren ustez, hobe dena alfonbrapean geratu izan balitz. Eta Borja Senperren aburuz, akatsa ez da eskatzen duenarena –lanpostua PPko buru ohi Antonio Basagoitik eskatu ei zion Fernándezi–, ematen duenarena baizik. Fernándezen ustez ez da akatsik, baina –Villalabeitiak hala iradokita– hobe iruditu zitzaion 6.000 euroko soldatetan Cabiecesi ordaindutako 245.000 euroak bere poltsikotik itzultzea Kutxabanki. Dirudunen eskuzabaltasuna itzela da. Hala ere, zergatik itzuli behar du norbaitek zerbait txarrik egin ez duela iruditzen bazaio? Hara bi hipotesi: bat, arazoa ezkutuan mantentzen jarraitzeko; horrexegatik, Villalabeitiak traizio egin diola sentitzen du orain Fernándezek, ordaindu eta hala ere salaketa jarri diolako. Bi, epaitegietan zigorrik izatekotan, dirua itzultzea aringarria delako. Auzi honetan, alabaina,  zuhaitzak basoa ezkutatzen du beste behin ere. Cabieces auzia erabat desegokia izateaz gain, hemen larriena da izaera eta kontrol soziala zuten kutxek gaur egun izaera guztiz pribatua dutela. Fernándezek, gainera, bere akzioen %70 esku pribatuetan jarri nahi izan zuen, eta hortik etorri zen EAJrekiko talka. Baina ze demontre, seguru orain hobe dela Repsoleko goi karguen epelean, traidore eta esker txarrekoen artean baino. Gainera, konpon daitezela Kutxabanken, ezta? Zergatik hainbeste zalaparta gune pribatu batean gertatzen denarekin?
news
argia-685c84369803
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/jose-ramon-marino-attaceko-kidea.html
"TISA akordioaren helburuetako bat da zerbitzuen pribatizazioek atzerakorik ez izatea"
Unai Brea
2015-02-15 00:00:00
"TISA akordioaren helburuetako bat da zerbitzuen pribatizazioek atzerakorik ez izatea" Euskal Herriko iritzi publikora TTIP eta CETA itun transatlantikoen berri ozta-ozta iristen hasi denean, Bilbon bizi den arabar ekonomialari honek ongizate estatuari mehatxu egiten dion eta are ilunagoa den beste nazioarteko akordio batez ohartarazi nahi du: TISA. Politika Ekonomiko Alternatiboaren Aldeko Ekonomialari Europarren elkarteko kidea da Mariño, baita mundu osoan TISAren aurkako oposizioa koordinatzen ari den taldekoa ere. Zer da TISA? Galdera egokia. Nazioarteko itunen kanpaina betean gauden honetan, TTIP eta CETA dira ezagunenak –ez behar beste, nolanahi–, eta TISA, berriz, akordio sektorialagoa da, Zerbitzuen Salerosteari buruzko Akordioa hain zuzen. Zerbitzuen salerosketarekin zerikusia duen guztia arautzeko, edo desarautzeko, ahaleginean dabiltza. Negoziazioak Genevan egiten dituzte –otsailaren 9tik 13ra bitartean izango da hamaikagarren erronda–, eta Europar Batzordeak eta 22 estatuk parte hartzen dute, tartean AEBek. Guztira, 50 herrialdek. Ez dago honezkero zerbitzuei buruzko negoziazio zabal bat Munduko Merkataritza Antolakundean (MMA)? Bai, Merkataritza eta Zerbitzuen Akordio Orokorra. Baina hark ez du aurrera egiten elite batzuek nahi luketen bezain azkar. Zehazki, zerbitzuen salerostea –publikoak barne– arautu nahi dutenez ari naiz; haiexek bultzatu dute TISA. Elite horiek metaketa prozesua gauzatzen ari dira itun hauen guztien bitartez, eta denetan TISA da ilunena. Kostatzen ari zaigu behatzea. Ezkutukeria hori bereziki larria da kontuan hartuta denoi zuzenean eragiten diguten gauzez ari direla negoziatzen. Hala da. Alde batetik zerbitzu publikoez ari dira negoziatzen (hezkuntza, osasungintza, ura, hondakinen kudeaketa...), bestetik gainerako zerbitzuez (profesionalak, enpresa batek beste bati mailegatzen dion eskulana...). Europar Batasunak interes handia du, munduko zerbitzu esportatzaile handiena baita AEBekin batera. Baina munduko herrialde askok daukate zer galdua TISA indarrean jarriz gero, ez baitute zerbitzuak eskaintzeko aukera handirik, jaso besterik ez dute egiten, eta ordaindu. MMAn zegoen funtsezko eztabaidetako bat da hori, ea EBk eta AEBek ez ote duten neurri batean inbaditzaileen gisan jokatzen zerbitzuak eskaintzen dituztenean. Horregatik dute bi horiek berebiziko grina akordioa aurrera ateratzeko. Eta horregatik TISAn parte hartzen ari diren herrialde gehienak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundekoak (ELGA) dira? Ia denak dira ELGAko kideak. TISAren ideia da MMA barrukoa baino negoziazio txikiagoa abiatzea, zerbait alternatiboa nolabait, oposiziorik egingo ez duten guztiak barne hartuta, eta behin akordioa lortuta zabaltzen saiatzea, MMAren barruan gailendu arte. Zehazki, zer ari dira negoziatzen TISAn? Zer dago mahai gainean? EBk berak honela esan du: aireko garraioa eta estatuek baizik eman ezin ditzaketen zerbitzuak, hots, justizia, ordena publikoa –hitz batean, polizia– eta defentsa izan ezik, printzipioz zerbitzu guztiak sar daitezke negoziazioan. Hori bai, estatu bakoitzak bere zerrenda negatiboa ezartzeko aukera du, hau da, akordiotik kanpo utzi nahi dituen zerbitzuen zerrenda. Zerrenda negatiboen arazoa da behin emanda ezin dela ezer aldatu. Gainera, hortik aurrera sor litekeen edozein zerbitzu mota –aurrerapen teknologikoari esker, demagun– automatikoki bere eraginpean hartuko luke akordioak, eta negoziagarri bihurtuko litzateke. Adibiderik eman daiteke? Duela hamabost urte internetek oso zabalpen txikia zuen, eta merkataritza elektronikoa garatu gabe zegoen. Pentsa zer gertatuko zatekeen TISA orduan negoziatu balute. Etorkizunean zer? Auskalo. Uneon garatzen ari diren berrikuntzak, herritar arruntok oraindik ezagutzen ez ditugunak, TISAren itzalpean geratuko dira, gure ongizateari eragin diezaioketenak barne. Zer ekarriko digu TISAk oro har? Osasungintza publikoa liberalizatzeaz ari gara hitz egiten, esaterako? Ikusteko dago noraino iritsiko diren. Aurtengo udazkenean Europako Legebiltzarrak TISArekiko zer jarrera duen argitu behar du ofizialki, eta txostena prestatzen ari den legebiltzarkideak, Viviane Reding Europako Batzordeko Justizia komisario ohiak, esan du marra gorri batzuk ezarri beharko direla, TISAk inolaz ere zapaldu ezingo lituzkeenak. Bitxia da horien barruan sartzen dituela pertsonen mugimenduak; kapitalak aske mugi daitezela, baina pertsonak ez. Bestalde, Redingek esan du TISAk Txina hartu beharko lukeela barne. Kontuan hartzekoa da uneon BRICS [garapen bidean dauden bost herrialde nagusien multzoa] bakar bat ere ez dagoela negoziazioetan; TISAn daudenek herrialde horiek ere erakarri nahi dituzte, eta Txina, merkataritzaren ikuspuntutik munduko herrialde garrantzitsuenetakoa ez ezik, beste BRICS guztien traktorea ere bada. [Txinak dagoeneko agertu du akordioan parte hartzeko nahia]. Europa hartu ohi da ongizate estatuaren azken gotorlekutzat. Nola eragingo lioke TISAk? Gogoeta ia ideologikoa eginez, kapitalek xurgatu nahi duten azken gotorlekuaz ari garela esan genezake. Estatuen zorraz hainbeste hitz egiten den honetan, badirudi nazioarteko kapitalak, merkatuak esaten zaien horiek, interes tipoen jaitsiera baterako prestatzen ari direla beren burua, edo zorraren zati bat ordaindua ez izateko. Zertan ari dira bien bitartean? Aktiboen pilaketan, zerbitzu publikoen zati handi bat berenganatzea barne, mozkinak lortzeko asmoz. Prozesu hori areagotu ahala, ongizate estatuaren azken arrastoarenak egingo luke. Izan ere, zerbitzu asko pribatizatuak izan dira honezkero, eta ondorioa, bidenabar esateko, ezin okerragoa izan da. Hain izan da txarra (tarifa igoerak, zerbitzua kaskartzea…), atzeranzko prozesuak ere ikusi baititugu: pribatizatua berriro publiko bihurtu. Bai, baina TISAren helburuetako bat da pribatizazioek atzerakorik ez izatea. Horretarako, itunak ingelesez ratchet clause esaten zaion mekanismoa  ["karraka klausula" modura euskaratu genezake] edukiko du, alegia, araudi bat adostu eta gero ezin izango litzateke berriro erregulatzea zerbitzu hori. Behin betiko finkatze bat litzateke. Haatik, Europako Batzordeak dio klausula horrek ez diola eragingo zerbitzuaren nolakotasunari. Eta akordioaren aurka ari zareten taldeek sinetsi egiten diozue? Azken boladan, dokumenturen bat filtratzen den edo besterik gabe publiko egiten duten bakoitzean ikusten da aurrez esan dituzten gauzek ez dutela errealitatearekin zerikusirik. Aurreko batean Ignacio García-Bercerori, TTIPi buruzko negoziazioetan EBko ordezkaritzaren buruari, frackingaz galdetu zioten, eta erantzun zuen frackinga erabat kanpo geratuko zela itunetik; seguruenik luze gabe ikusiko ditugu prospekzioak eta abar. Batzordearen sinesgarritasuna kolokan dago.     Karraka klausulari dagokionez ere bai? Hara, hauxe dio EBk TISAri buruz argitaratu duten gida-liburuxka batean: "Karraka klausulak ez dio eragingo aldeetako bakoitzak diskriminaziorik ezarri gabe erregulatzeko duen gaitasunari. Estatuek eutsi egingo diote arau sozialak ezartzeko askatasunari, hala nola gutxieneko soldatari, segurtasunari, kalitateari edota ingurumenari dagozkionak, baldin eta arauok neurri berean betearazten bazaizkie bertako eta atzerriko zerbitzu emaileei, eta baldin eta zerbitzuak eskaini ditzaketen enpresa kopuruari mugarik jartzen ez bazaio". Testu horretan daude TISAren bi giltzarri nagusiak: modu berean tratatu behar dira atzerriko enpresak eta etxekoak, eta ezin da ezarri merkaturako sarbidea inongo enpresari oztopa diezaiokeen inongo baldintzarik. Prozesuko bi klausula garrantzitsuenak dira, den-dena zabalik uzten dutenak. Statu quo klausula bat ere aurreikusita dago TISAn. Zer da? Hitzak adierazten duen horixe bera: egoera ez dadila aldatu. Alegia, zerbitzu enpresak jardunean ari direneko baldintzak ezin aldatzea araudiaren bidez. Europaren posizioa ulertu behar da: gu gara zerbitzu esportatzaile handienak. Esaterako, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eredu ekonomikoaz eduki dituen planei begiratuta ohar gaitezke zerbitzuetan oinarritutako ekonomia dutela gogoan. Beraz, mundua zabalago egin behar da, liberalizatu, kanpora joan ahal izateko. Gu geu baikara saltzaileak. Hori bai, pertsonen zirkulazioari mugak ezarrita. Iazko abenduan, GUE/NGLk Bruselan antolatutako jardunaldian, batek baino gehiagok aipatu zuen TTIPen negoziazioa motel doala, akordioa lortzea kostatzen ari zaiela alde biei. Beste horrenbeste gertatzen ari da TISAn?    Ez, TISA azkarrago dabil, interesek bat egin dutelako, eta aurkariok ez dugulako, oraindik, negoziazioan eragiteko mobilizazio gaitasun nahikorik. Eta informazio falta TTIPen kasuan baino handiagoa da. Arreta handiagoa eskaini beharko genioke TISAri, guztiz oharkabean negoziatzen ari baitira; TTIPi leporatzen diogu ongizate estatuaren hondatzea ekarriko duela, baina seguruenik TISAk askoz eragin handiagoa izango du arlo horretan. Hondatze hori lehenagotik dator, ordea. Zerorrek Bruselan esandakoaren arabera, gutxienez Europar Batasuneko herrialdeek Lisboako Ituna sinatu zutenetik, 2007an. Hala da. Azken urteetako bilakaerak burujabetza galarazi digula esaten da, eta oraingo itun hauek are gehiago galaraziko digutela. Hori agerikoa da, baina kontuan hartu behar dugu Lisboan galdu genuela burujabetza horren zati handi bat. Esaterako, merkataritza eta inbertsio itunak negoziatzeko arduraduna Batzordea izateak subiranotasuna osten die estatuei. Beste horrenbeste esan liteke moneta politikaz: Europako Banku Zentralak kudeatzen du orain, estatuetako bankuen kalterako. Lisboakoaren ondoren izenpetu zen Egonkortasun Itunaren bidez, estatuek Batzordearen esku zituzten politika ekonomikoaren alorreko ia eskuduntza guztiak. Eta nor da Batzordea? Horra galdera nagusia. Europako Legebiltzarrak beto gaitasuna mantendu badu ere, erabaki garrantzitsuak Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak hartzen dituzte. Eredu neoliberala haiek sendotu dute. Eta Europar Batasuna gero eta gutxiago da Europa; itun handi hauei egiten ari zaien kritiketako bat da EBren ideiarekiko atzera egite nabarmena dela, erabaki ahalmenaren funtsezko zati bat korporazio transnazionalen esku uzten ari baitzaizkie. Hain goratua izan den europartasun ideia agortzen ari dira hitzarmen handiok.
news
argia-a9a2162358cc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/kritika-gabe-esaidazue-nola-irtengo-naizen-plazara.html
Kritika gabe esaidazue nola irtengo naizen plazara
Gorka Bereziartua Mitxelena
2015-02-15 00:00:00
Kritika gabe esaidazue nola irtengo naizen plazara Kontzertu baten itxura dauka Donostiako Kaxilda liburu dendak otsailaren 4ko arratsaldean elkartu den jende kopuruarengatik. Munduan egiteko dauden gauza guztien artean eta, hotzaren beldur, bertan behera utz daitezkeen plan guztiak kontuan izanda, ez da makala. Ibon Egaña Etxeberriaren Izan gabe denaz saiakera argitaratu berriak du meritua. Haren aurkezpena baliatuz antolatu dute mahai-ingurua: baterian Leire Lopez Ziluaga, sartu eta atzeko lerroetan lekuren bat aurkitu dugunerako literatur kritikaren funtzioaz hizketan jarriak ditu Iban Zaldua (sintetizadorea), Iratxe Retolaza (gitarra) eta Egaña bera (ahotsa). Zalduak "aberriaren deia" aipatzen du, alegia, "euskal literatura eraikitzeko" egiten dela kritika. Eta zentzu horretan, balio beharko lukeela irakurri behar litzatekeen liburua seinalatzeko bezainbeste, arreta handia jaso duen lana zalantzan jartzeko. Retolazak punteo batekin erantzuten dio, berak ez duela kritika ulertzen irakurri behar diren edo ez diren liburuen katalogo bezala, galderak sortuko dituen diskurtso gisa baizik. Eta orduan entzuten dugu Egaña frontman aren ahotsa lehenbizikoz, esanez liburuan landu duen alorrari dagokionez behintzat –hedabideetan argitaratzen den kritika–, obren balorazioa egitea badela prentsako iruzkingilearen zereginetako bat. Klasiko batzuk jo ditu laukoteak, besteak beste, euskarazko kritikagintzak izan duen jarrera pendularraren gaia. Nola pasa den formari bakarrik –edo nagusiki– garrantzia ematetik gaur egungo kritika soziologikoagora. Eta erdibidearen premian bat egin dute denek, nahiz eta kanta bukatu denean ez den oso argi geratu non artikulatu litezkeen liburu baten alderdi estetikoa eta soziala –imajinatzen dugu, aldiro kritikariak bere buruarekin eta bizi duen testuinguruarekin negoziatzen duen zerbait dela–. Azken diskoko pieza bat ere atera da mahai gainera, Egañak aipatu baitu kritikek baino oihartzun handiagoa dutela azkenaldian liburuei buruz Twitterren esaten direnek. Ez hori bakarrik, gehitzen du Zalduak mahaiaren izkinatik: badira txioka iragartzen diren liburu kritikak ere, gero inoiz iristen ez direnak. Beraz: legitimitate arazoak ote ditu ofizio ere deitzerik ez dagoen langintza honek? Zerk ematen dio kritikariari zilegitasuna? Lopezek abilki eraman du taldea azken konpasetara: Retolazaren ustez idazle jakin batzuekin harremana izateak, "koadrillak" –literaturaren inguruan mugitzen den talde gisa ulertuta– edo komunitate jakin batek –mugimendu sozial edo politikoek, berbarako– laguntzen dute posizio bat lortzen. Kritika negatiboek ere bai, gehitzen du Egañak, "norbaitekin" sartzen baldin bazara behintzat. Bis baterako abiapuntua izan da azken kontu hori: posible ote diren liburuen kritika negatiboak euskaraz. Ba, segun eta non, segun eta nori, denak ados horretan. Euskal literatura existituko da bere buruari autokritika egiteko gai denean. Baina, urrun gaude hori lortzeko klimatik. Publikatzen diren kritika gehienak baikorrak edo oso baikorrak direla aipatzen du Egañak liburuan. Unibertsoan parekorik ez duen literatura daukagu ala "Mozal legea" baino lehenagoko zentsurak ezarri dizkiogu gure buruari, auskalo zeren mesedetan?
news
argia-36ab5790c9af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/diru-kengarria-ala-heziketa.html
Diru kengarria ala heziketa?
I�aki Murua
2015-02-15 00:00:00
Diru kengarria ala heziketa? Berriz ere kanta bera al dugu? Werten ministro-keria Europara begiratzeko aitzakian? Europak dena ona du eta AEBek ona dute dena! Zeinentzat? Zertarako? Hau bezalako ministro eta gobernu kopetente-entzat: batetik hiru urteko iraupena duten graduak ezarriko dituzte eta bestetik bi urtera luzatuko dituzte masterrak. A zer mauka! Batetik, Estatuak urte bat gutxiago ordaindu beharko ditu unibertsitateko ikasketak (milioi mordoa aurreztu –ez xahutu/inbertitu–, patrikaratu!?, heziketan lanpostu berriak sortzea saihestu...); bestetik, ikasketek balioa izan dezaten, dirutza bota beharko dute herritarrek (unibertsitateek jasoko dutena...), eta gainera, unibertsitateen artean mailak sortuko dituzte, beti ere, konpetentzien arabera laguntzak, sosak, pribilejioak... etxekoenen artean "demokratikoki eta irizpide publikoetan" oinarriturik banatzeko. Eta ahalegin ukaezin hau dena zertarako eta, graduatuak lan bila atzerrira joateko aukera izan dezaten, Espainian ez dutelako puska batean behintzat taxuzko lan eta soldatarik izango. Kopeta galanta hauek: konpetente ez baino kopetente! Klaro bada, nola hasiko zen pentsatzen ikasleak motibatzeko programak, eskola moduak, pedagogiak eta gaiak aurkitzea zein berritzea? Zergatik dagoen hainbeste arreta eskasia, hiper eta piper-aktibitate, kontzentrazio falta, antsietate, estres...? Nolaz onar dezakeen eskola komunitateak ikastearen gainetik aprobatzea helburu? Zelan lortu burokratak ez produzitzea? Ikasle batzuk –hontz begirada arretatsua eta garuna ki(e)to– eta beste batzuk loro –errepika-penaren errepikatzaile– ez bihurtzea? Pertsona esanekoak, domestikatuak eta txanpon-begikoak ez egituratzeko jardun hezitzaileak? Hasi beharko dugu buruz pentsatu eta datorren bezain natural adierazteari zentzu positiboa ematen eta sentimenduak kanporatzeko bihotzari libre hitz egin dezan entrenamendua ematen edo tripetatik ateratzen zaigunari ere bere lekua egiten, ala? Horiek, hirurak (burua, bihotza eta tripak) pentsatzeko eta adierazteko bitarteko ditugunez, hiru garun ditugula aitortu eta bakoitzari bere espazioa utziz, izatea kanporatzeko moduak eta moduak baliatzen ez ezik aitortzen, ezta? Gizarteak izaera aniztasunean du aberastasuna eta heziketak ezin du preso sartu eta estandarizatu bakoitzaren izateko modua. Ez liguke bat batean garena, ondo eta hotzean pentsatuta garenaz, ordezkarazteak onurarik ekarriko. Bizitza erraztu eta gauza sinpleetatik tiraka eraiki ordez, bide sigi-sagatsuz zaildu eta bizitzeko interesa zapuztea lekarke. Saiatzea dagokigu, hiru garunak hiru garenak islatzen hezi eta pertsona konpetenteak gizarteratuz, kopetenteen erregetzak errepublika bihurtzeko.
news
argia-206e2e52cdf0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/udalerri-euskaldunek-atzera-erdaldunek-aurrera.html
Udalerri euskaldunek atzera, erdaldunek aurrera
Onintza Irureta Azkune
2015-02-15 00:00:00
Udalerri euskaldunek atzera, erdaldunek aurrera Ogiaren mutur batean udalerri euskaldunenak eta beste muturrean erdaldunenak. Sagua bi koskorrak jaten ari da. Iñaki Iurrebasok UEMAko udalerrien 30 urteko bilakaera soziolinguistikoa azaldu berri du Lurraldea eta Hizkuntza, Tresnak eta Erronkak II jardunaldietan. Udalerriotako euskara gaitasuna, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera datuak xehatu ditu. Euskarak atzera egin du, hiru aldagaiak kontuan hartzen baditugu, eta batik bat azken hamar urteotan. Iurrebasoren hitzak erabiliz, "udalerri euskaldunak, gaur egun ez dira hain euskaldunak, erdararen tokia ez da marjinala". Beste muturra ere higatzen doa, udalerri erdaldunenetan gero eta euskara hiztun proportzio altuagoa dago. Beraz, udalerri erdaldunetan euskara indarra hartzen ari da, eta euskaldunetan aldiz, galtzen. Bi ogi koskorrek desagertzeko bidea hartua dute, hau da, konbergentziarako joera nabaria da. Koskor baten galera pozgarria da, gune erdaldunena euskalduntzen ari da. Alabaina, horren ordainetan ogiaren beste koskorra galdu beste erremediorik ez ote dago? Biztanle kopuruari erreparatzen badiogu, udalerri erdaldunek osatzen duten multzoan bizi da jende gehien. Udalerri euskaldunetako herritar kopurua apalagoa da. Aldiz, udalerri euskaldunak, arnasgunetzat hartuak dira, euskararen gotorleku, bihotz. Gune horien galera kualitatiboki neurtzekoa ere bada. Ogiaren metaforak EAErako bezala Nafarroarako balio du. Argitaratu berri den mapa soziolinguistikoaren arabera, han ere bi koskorrak ahitzen ari dira. Gakoetako bat mutur horietako baten galera-abiada apaltzea litzateke.
news
argia-f8b628498f72
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2449/txakur-egosia-atapuercako-gizakien-dietan.html
Txakur egosia Atapuercako gizakien dietan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-02-15 00:00:00
Txakur egosia Atapuercako gizakien dietan Duela 7.200 eta 3.100 urte artean Atapuercako (Burgos, Espainia) El Mirador kobazuloan bizi ziren gizakiek txakur etxekotuak, basakatuak, azkonarrak eta azeriak jaten zituzten, Giza Paleoekologiako eta Eboluzio Sozialeko Institutu Katalanak berriki jakinarazi duenez. 24 arrasto fosil –gehienak txakurrenak; horien artean argazkian ageri dena–, aztertu ondoren, animaliak jan aurretik egosten zituztela ondorioztatu dute ikerlariek. Mendebaldeko Europan espezie horiek elikatzeko erabiltzea ez zen batere ohikoa eta, horregatik, baliteke urritasun garaietan hartutako neurrien ondorioa izatea, oraingoz hipotesia besterik ez den arren.
news
argia-d8dd2b718ee2
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/esnea-ez-dator-iturritik.html
Esnea ez dator iturritik
Juan Mari Arregi
2015-09-06 00:00:00
Esnea ez dator iturritik Hala da, esnea ez dator iturritik. Horixe da euskal esneki-esplotazioetako langileek eta Espainiako Estatukoek Nekazaritza ministro espainiarrari esan berri diotena. Eta gauza bera esan diete arduradun foral eta autonomikoei. Esneak, aurretik lan bat eskatzen du, esplotazio egoki bat. Horrek prezio bat dauka, gutxieneko kostuak bertan hartuko dituena. Baina merkatuak, industriek eta saltoki handiek ez dute hori onartu nahi, produkzio kostuen azpitik dauden prezioak ezartzen ari baitira. Horrek sektorearen agonia sorrarazi du; azken urteetan ehunka ustiategi itxi behar izan dituzte eta milaka lanpostu galdu dira. EAEn esnea produzitzen duten baserriak azken hamalau urtetan 3.274 izatetik 735 izatera pasa dira; behi kopurua ere erdira jaitsi da: 2000. urtean 40.434 behi zeuden, 2014an berriz, 20.565. Egoera honen aurrean, abeltzainek mobilizazioak hasi dituzte, eta akordio batera iritsi ezean jarrera gogortzeko aukera zabalik utzi dute. Zein da arazoa? Abeltzainak babesgabe daude, inolako araudirik ez duen merkatuaren aurrean. Industriak ezarritako prezioek askotan ez dute produkzio kostuak ordaintzeko adina ematen. Ohikoa da prezio hori esne-litroko 0,24 eta 0,28 eurotan egotea, baina kostuak ordaintzeko gutxienekoa 0,35 euro dela kalkulatu dute arduradun sindikalek. Zenbait baserritan 0,15 baino ez zaie ordaindu! Horrela ezin da lanik egin, ateak ixten ari dira. Esnetarako behia desagertu egin daiteke, enplegurik sortu ez, landa eremuak abandonatu, eta ingurumena galbidean jartzeraino. Mobilizazioen aurrean, Espainiako Gobernuak 300 euroko diru-laguntza iragarri du behi bakoitzeko, produkzio kostua ordaintzeko gai ez den abeltzainarentzako. Ez dirudi nahikoa denik. Sindikatuek eskatu dute jatorritik datorren esneari salmentarako gutxieneko prezio bat ezartzea. Euskal Herriko enpresa eta foru erakundeek, baita administrazio autonomikoak ere, ezin dute esnearen sektorea hiltzen utzi, bertatik bizi direlako milaka familia, eta arriskuan daudelako nekazaritza guneak eta ingurumena bera ere.
news
argia-a17e970daef3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/argi-itzalak.html
Argi-itzalak
Joxe Iriarte, Bikila
2015-09-06 00:00:00
Argi-itzalak Uztailean bete behar izan banu orri hau, ezbairik gabe, Greziak bizi duen egoera deskribatzera mugatuko nintzakeen. Irailean balitz, agian, tragedia guztietako iheslarien hilobia bihurtu zaigun Mediterraneoari buruz idatziko nuke. Alabaina, abuztuan, nire gogoa Pirinioetako gailurretatik ezin jaitsiz dabil, eta altura horietan, ezin naiz zentratu gai bakar batean.     Esate baterako, begiak Grezian jartzen ditudanean, erreferendumaren osteko giro epikoa tragedia bihurtu izanak penatzen nau. Eta penagarria bada Grezian gertatutakoa, penagarriagoa, da ezker europarraren (eta gu horren parte gara) portaera: moralki solidarioa eta praktikoki alferrikakoa, lelotua, desmobilizatua, ezin ulertuzkoa da Greziako bataila. Espainiako Estatuan 1936koa bezala, dimentsio europarra eta historikoa duela.     Gurean, intentzio oneko lagun batzuen ezkerraren batasunaren aldeko aldarriak eman zidan pozak zer gutxi iraun duen zapuzten nau. Gaur gaurkoz ez omen daude sustraiak eta ondorengo zutabeak finkatuak. Noiz ohartuko gara ezker eraldatzailearen batasuna inoiz baino garrantzitsuago dugula?     Azken hauteskundeetan EH Bilduk Gipuzkoan izan duen atzerakada esplikatzeko, gauza batzuetan azkarregi joan omen garela azpimarratu egin da. Pedagogia kontua bada, ados. Baina aldi berean argi eta garbi adierazi behar da, gauza gehienetan motelegi goazela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko erabakiak hartzerakoan, esate baterako, Euskal Herria dugu biztanleriaren bataz besteko karbono dioxidoaren sortzaile handienetakoak.     Arazo horri aurre egiteko, Barack Obama behingoz prest omen dago karbono dioxidoa eragiten duten energia motak gutxitzeko, baina indar faktiko guztiak (sektore horren lobbiak) aurka azaldu zaizkio. Ezer gutxi, zoritxarrez. Arre (kapitalismoa sostengatu) eta so (energia kutsatzaileei aurre egitea) alde berean, ezinezkoa baita. Izan ere, Naomi Kleinek dioen bezala, aldaketa klimatikoaren errudun nagusia ez da karbono dioxido kopurua –hori ondorioa da– sistema kapitalista baizik. Eta ez dut zalantzarik bere kabuz ez duela aldatuko mundua amildegira daramatzan norabidea.     Eta guzti horren kontra egiteko beranduegi, agian ez, baina bai atzeratuegi gabiltzala ezkerraren birmoldaketan eta indar metaketan, bai gurean zein Europa osoan: "Denok hala inor ez, bakarka ezin da".
news
argia-644d8385e392
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/aurrekoa-atzera-kontainerrean.html
Aurrekoa atzera, kontainerrean
Jakoba Errekondo
2015-09-06 00:00:00
Aurrekoa atzera, kontainerrean Japonian fruituei egiten dieten ohiz kanpoko goratzarrearekin utzi nuen txoko hau uda aurrean. Uda eta udazkena arteko sasoi honi ezin ekin fruituak ahaztuta. Duela ez asko, bertsolari batek "errotu" eta "garatu" hitzen garrantzia berritu zidan. Bat dira. Zer da lehena, garatu denaren hazia errotzea edo errotutako hazia bilduko duen fruitua emateko garatzea? Erro eta gara, bat. Erroa lurrean barrena luzatuko da, lurrera lotzen gaituen grabitatearen indarraren alde. Gara gora dator, grabitateari kontra eginez. Lurpean eta lur gainean luzatzen den izaki bakarra da landarea, erro-gara. Izaki horren kopiak sortzeko bidea da fruitua. Fruituko hazia. Kopiak, baina halamoduzko kopiak, kopia okerrak, erdipurdikoak edo berebizikoak. Nork daki!      Hazia beti da mirakulua. Hazia aitaren eta amaren arteko nahasketaren emaitza gorena da. Arraren eta emearen arteko gurutzatzea. Amak eta aitak bakoitzak bere aldetik dakarten familia zuhaitzaren informazio genetikoa nahasi eta berrantolatzen da hazi bakoitzean. Hazi batek milaka urteko informazio genetikoa laburbiltzen du, eta itxura berria ematen dio. Etengabe berritu eta egokitzen den milioika urteko informazioari bizia emateko gai da hazi bat. Hibrido berriak. Etorkizuna.      Hazi bat edo fruitu bat jaten dugunero kontuan izan beharko genuke: oraintxe jaten ari garen babarrun berriak, lekak, sagarrak, piperrak, alberjiniak, kuiatxoak, udareak... Eskuetan dugun hazi horrek zer historia ote dakar?, eta zer historia berri sortu nahi ote du? Berriz ere, bere espeziearen historia berritu nahi du atzera. Hazia hozitu eta errotuko litzatekeenetik atzera, landare berriak aurreko denei etorkizuna emango lieke. Landare bakoitzak, atzera, aurrerabidea erakutsiz espeziea biziberritzen du. Landare bakoitzak bide bat eta bakarra. Hazi bakoitza informazio genetiko berezi baten, aparteko konbinazio baten kontainerra baita. Aurrekoa, atzera, hazi bakoitzetik atzera aurreratzen.           Errotu eta garatu hitzen kontua piztu zuen bertsolariari, "aurrera-atzera" hitzen jokoa luzatu nion, itzulinguruak utzi eta adarrez adar, jo eta salto ibili beharrean, errora jotzearren. Zainera. Kontu guztiak, edaten ari ginen sagardo eskas halakoaren erruz. Erdipurdiko alaena!
news
argia-b011af63d09f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/joserra-senperena.html
"Musikarik onena zineman egiten da gaur egun"
Joni Ubeda
2015-09-06 00:00:00
"Musikarik onena zineman egiten da gaur egun" Udaberrian bakarkako zortzigarren diskoa aurkeztu zuen, eta udazkenean entzuleek zuzenean ikusteko aukera izango dute. Sortzaile emankorra izanagatik ere, musikari gisa askoz ezagunagoa da. Astebururo milaka lagunen aurrean aritzen den Fito & Fitipaldis taldeko kideak ganbera musikarako piezak konposatzen ditu. Oso kontzertu gutxi eskaintzen ditu bere diskoekin. Donostiako Lugaritz kultura etxean eskaini zuen emanaldi bakan horietako bat, 2009an. Han bertan elkarrizketatu dugu, sargori zen udako goiz batean. 9 Ganbera pieza diskoa jarri eta film areto batean ikusten dut nire burua, garai bateko film baten aurrean. Musika instrumentala entzuteko ohiturarik ez dago, normalean. Eta orduan horrelakoetan musika estilo hori berehala zinemarekin lotzeko joera izaten da. Bestalde, egia da film asko ikusten ditudala. Musikarik onena zineman egiten da gaur egun. Film bateko eszenak, elkarrizketak... zeini erreparatzen diozun asma dezaket. Soinu bandan erreparatzea fijazioa izatera iritsi al daiteke? Bere osotasunean ikusteko joera izaten dut. Filma oso ona ez denean, argazkian eta bestelakoetan erreparatzen hasten zarela esaten da. Filma ona denean ez diozu alor zehatzei erreparatzen. Soinu bandari, noski, musikari eta profesional bezala erreparatzen diot. Baina normalean literaturan, zineman... irakurlearen edota ikuslearen papera hartzen ahalegintzen naiz. Zinema lan ildo interesgarria izan daiteke zuretzat. Bai, noski. Lan egiteko abiapuntua, ordea, oso desberdina litzateke. Halaxe da. Nire disko bat egiteko garaian, etxean abiapuntu zehatzik gabe trantzean sartzen naiz. Enkargu edo proposamen bat jasotzean, hainbat baldintza bete behar dira. Horrelakoetan abiapuntua zein den argi izaten da, beraz, lan egiteko garaian oso desberdina da. Zure emozioen isla izatera irits daiteke 9 Ganbera pieza disko berria? Obra bakoitzaren atzetik autorea dago, saihestezina da hori. Rafa Berrio kantariak ezin hobeto deskribatu zuen hori. Bere hitzak nire eginez, disko hau hein handi batean fikzio autobiografikoa da. Elkarren artean oso ezberdinak diren diskoak egiten dituzu. Nire obran pentsatzen jartzen naiz, nire diskografian, eta lehen diskotik azken diskora arte ildo bat badagoela iruditzen zait. Egia da, lehen diskoa eta azkena oso ezberdinak dira, baina guztietan ezaugarri batzuk errepikatzen dira: melodiaren protagonismoa hor egon da beti, esaterako.      Eta bestetik disko bakoitzean kantuen artean erritmo eta harmonia aldaketa ezberdinak aurki daitezke. Ez ditut disko homogeneoak gustuko. Zortzi disko egin dituzu baina interprete bezala ezagunagoa zara. Disko berriak kontrazalean "Joserra Senperenak sortua" dio. Zehaztea falta da disko honetako musikari guztien arregloak zerorrek egin dituzula. Lehen diskoetan abiapuntua neronek jartzen nuen, eta musikari bakoitzak inprobisazioaren bitartez bere aletxoa jartzen zuen. Azken bi diskoetan musikariei partiturak eman eta hori jo dute. Musika klasikoan ohikoa da hori. Musikari guztien lana zerorrek sortu eta partitutara pasa zenuen. Burutik paperera, pianoa tarteko? Orain arte, disko guztietan eta jasotako enkargu guztietan, pianoa gertu izan dut beti. Disko honetan nire pianista izaera alde batera uzten ahalegindu naiz. Eta etxeko beste txoko batean paperaren aurrean jarri eta melodiak trantzean sortzen saiatzen nintzen. Behin melodia sortuta, pieza garatzen hasten nintzen: harmonizazioa, instrumentazioa...      Diskoaren aurkezpen ekitaldian Paul McCartneyk Beatles taldearen antologian kontatzen zuena aipagai izan nuen. Egun batean Yesterday kantuaren melodia buruan zuela esnatu zen. Erantsi zien harmonia eta Georges Martin ekoizleak egindako hari laukotearen moldaketa ondoren iritsi ziren. Melodiak sortzeko berrikuntza hori dela eta, disko kuttuna izango al da zure diskografian? Normala denez, nire azken disko hau onena da niretzat. Gehiago identifikatzen naiz disko honekin. Ausarta izan naizen irudipena izan dezaket, baina disko bat egin dudan aldiro sentipen bertsua izan dut. Aurrekoa bere garaian ere ausartena iruditu zitzaidan. Sorkuntzaz eta interpretazioaz, eskarmentu handiko musikari baten eta anbizioa duen gazteago baten arteko solasaldi interesgarri bat badago Treme musika telesailean. Zaharrenak dio arrakasta izateko abestu eta sortu egin behar duela. Gazteak sortzea zein zaila den erantzuten dio. Eta zaharrak berehala erantzun: "Horrexegatik dago mundua interpreteez betea". Amy Winehouse kantarian oinarrituriko Amy film dokumentala ikusi berritan, bere adierazpen bat aipatu nahi dut: hark zioenez, sorkuntzari ekin zion buruan zuena ez zuelako beste inon topatzen.      Nik neuk, hogei urte nituenean, egin nezakeen musika oso txarra izan zitekeela pentsatzen nuen. 35 urterekin edo, Winehousek dioen antzeko zerbait burutik pasa zitzaidan. Eta horrela hasi nintzen, sorkuntzan. Beste artista edo taldeentzat lan egiten duen musikariaren ogibidea polita da, jarraituko dut hori egiten. Baina sorkuntzarik gabe, hankamotz sentituko nintzateke. Fito & Fitipaldisen entzuleentzat harrigarria izango da taldeko pianistak ganbara piezak sortzen dituela jakitea. Ulertzen dut hori. Nire ama hizkuntza pop musika da, maiz jo izan dut pop musikara eta horrela egingo dut etorkizunean. Errazen egiten zaidan estiloa da. Baina gaur egun musika garaikidea edo klasikoa buruan dut eta gainera musika hori grabatzeko aukera daukat. Goazen hasierara, egin beharreko lehen galderara. Noiz hasi zinen 9 ganbera pieza sortzen? 10 Trio Piano, Biolin eta Akordeoirako aurreko diskoarekin lortu nuen emaitzarekin pozik geratu nintzen. Lan berrirako denbora behar nuen, ezer baino lehen. Hiruzpalau hilabete jarraian niretzat hartu nituenean 9 ganbera pieza sortzen hasi nintzen. Orkestra handi baterako zerbait idazteko gogoa banuen, eta hortik abiatu nintzen. Baina arrazoi ezberdinak tarteko, orkestra lan bat aurrera eramatea oso zaila izango zela eta, talde txikiago baterako konposaketa lanari ekin nion. Industria dagoen moduan egonda, zein balio du zuretzat disko bat egiteak? Nire belaunaldiko gehienek bezalaxe, nire lana formatu fisiko batean ikusi behar dut. Gaur egun izango dira musika hori zabaltzeko eta ezagutarazteko moduak, baina neu oraindik nire lana disko batean ikusi behar dudan horietakoa naiz. Jakin badakit disko hauek ez direla asko saltzen, baina Elkarrek apustua egin du eta alde horretatik zorionekoa naiz. Zuzeneko gutxi eskaintzen dituzu. Sonic Youth-eko Kim Gordonek bere biografian dioena oso baliagarria da zure diskorako ere: berak dioenez, oholtza beste inon topatu ezin daitekeen edo beste inon espresatu ezin daitekeen horrekin bete behar den espazioa da. Zuzenekoa musikan nabarmendu behar den beste alor garrantzitsu bat da. Diskoak sorkuntza lanaren ondorio dira. Zuzenekoa errepikatuko ez den une hori da. Oso zaila da zuzeneko on bat egitea. Normalean arazo tekniko asko izaten da, eta beharbada egun horretan musikaria burukominez igotzen da taula gainera.      Ez da gehienetan gertatzen, baina den-dena alde dagoenean, zuzenean sortzen den energia kolektibo hori sentitzea magikoa izatera irits daiteke. Oholtza zure musikarekin bete daiteke, beraz. Hori espero dut. Diskoa atera eta berehala zuzenekoak eskaintzeko asmoa genuen, baina udazkenerako utzi dugu. 9 ganbera pieza Donostiako Victoria Eugenian eta Tolosako Topic aretoan aurkeztuko dugu, azaroaren 20an eta abenduaren 18an hurrenez hurren. Zinemaz hizketan hasi gara, eta aurtengo Donostiako Zinemaldian zure musika entzuteko aukera izango da. Halaxe da. Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren bila eskainiko dute. Euskaraz egindako lehen luzemetraiari buruzko dokumentala da.
news
argia-5b1613a02145
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/eguzki-erregeak-piztu-zuen-argiaren-hiria.html
Eguzki Erregeak piztu zuen Argiaren Hiria
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-09-06 00:00:00
Eguzki Erregeak piztu zuen Argiaren Hiria Paris (Frantzia), 1665. Luis XIV.a errege ahalguztidunak, Parisko kale ilunetako arriskuez nazkatuta, argiztatze publiko zerbitzu bat sortzeko agindu zuen. Hala, Lastargi eta Argiontzi Eramaileen Zentroa fundatu zuen. Eramaileak hiriko gune nagusietan egon ohi ziren, 300 pausoko tarteetan kokatuta, oinezkoak etxeraino laguntzeko prest. Hiru solen truke, hamabost minutuz ematen zieten argia, eta zalgurdia erabiltzen zutenek gehixeago ordaindu behar zuten, bost sol, eramailea karrozara igo zedin.      Diotenez, Eguzki Erregeak ez zituen soilik menpekoak izan gogoan eta bere buruaren mesedetan ere hartu zuen erabakia; Frantziako –eta Nafarroako– monarka gonazale eta alkoholzale amorratua omen zen, eta ederki jakingo zuen gauez putetxeetatik mozkortuta irtetean eskertzekoa zela norbaitek kale galbidetsuak argiztatzea.      Zerbitzuak berehalako arrakasta izan zuenez, Luis XIV.ak argiztatze sistema finkoa jartzeko ardura eman zion Nicholas Gabriel de La Reynieri. La Reynie Parisko poliziako lehen lotinant jenerala izan zen, eta lehen polizia gorputz modernoaren sortzailetzat jotzen da.      1667ko irailaren 2an 2.736 kaleargi piztu zituzten, karrika eta etorbide bakoitzeko bizpahiru: bat, kalearen erdialdean eta beste bi, kantoietan. Urte gutxian argi kopurua 5.000ra iritsi zen. Zerbitzuak, herritarrei mesede egiteaz gain, eragozpenen bat ere eragin zien. Batetik, herritarrek iluntzero argiak piztu eta goizaldero, ordu bietan, itzali behar zituzten, urritik martxora bitartean. Kedarrak kaleargien kristala zikintzen zuenean ere, haiek garbitu behar zuten. Gainera, zerbitzuaren mantentze-lanak zerga bidez finantzatzen ziren, hau da, herritarrek, argiaren truke, Taxe des Boues et Lanternes delakoa –lokatzen eta linternen gaineko zerga– ordaindu behar zuten. Sistemak oso oinarrizkoa, deserosoa eta garestia dirudi gaurko begietatik ikusita, baina kontuan izan behar da beste bi mende joango zirela argiztatze elektrikoa sortu baino lehen; kaleargi elektrikoz argiztatutako lehen hiria Wabash (Indiana, AEB) izan zen, 1880ko martxoaren 31n.      Argiak saltokiei mesede handia egin zien, eta hiriko merkataritza-jarduera bikoiztu egin zen, hainbat iturriren arabera. Bisitariak ere txundituta utzi zituen, "Parisen gauez eguerdian bezainbeste argi dago" esateraino.      Zenbaitentzat, Luis XIV.aren oinordekoei lepoa moztu zien iraultzak Antzinako Erregimenaren iluntasuna eten zuelako merezi du hiriak goitizena. Beste batzuek artean eta kulturan nabarmendu izanari leporatzen diote. Baina literalki, argiztatze publikoa jartzen lehena izan zelako esaten zaio Parisi Argiaren Hiria.
news
argia-393de24bb00f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/ur-azpian-bustiko-ez-den-materialaren-bila.html
Ur azpian bustiko ez den materialaren bila
Joxerra Aizpurua
2015-09-06 00:00:00
Ur azpian bustiko ez den materialaren bila Euri urak bustitzen ez duen gainazalen inguruko berria aipatu izan dugu sail honetan. Oraingoan, are zailagoa dirudien zerbait aipatuko dugu: ur azpian ere lehor mantentzen den materiala.      Northwestern Unibertsitateko (AEB) Neelesh A. Patankar ingeniariaren lantaldearen arabera, gainazalak ur azpian lehor manten daitezen itxura eta ezaugarri bereziak behar dituzte. Garrantzi handia du zimurtasunak; zimurretan dauden "haranen" diametroak mikroia, hots milimetroaren milarena, baino txikiagoa izan behar du, horrela lortzen baita haran horietan ur lurrina pilatzea ur likidoaren ordez. Ezaugarri hori hainbat ur-intsektuk dute, beraz naturan existitu egiten da jada.      Horrelako material batek abantaila itzelak eskain ditzake. Itsasontzietan, esaterako, oso ohikoa da ur azpian dauden aldeetan animalia ugari itsastea; horrek urarekiko erresistentzia handitu eta erregai kontsumoa handitzen du. Ontziaren gainazala lehor mantentzeak arazoa saihesten lagundu lezake.
news
argia-97684f7d46f4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/fantasian-murgilduta.html
Fantasian murgilduta
Xabier Etxaniz Erle
2015-09-06 00:00:00
Fantasian murgilduta Errotondan bueltaka Leire Bilbao Ilustrazioak: Eider Eibar Elkar, 2015 Egoera sinple eta arrunt batetik abiatuta Leire Bilbaok obra irudimentsu eta fantastikoa aurkezten digu; errealitate kutsua du hasieran, Urko eskolara joateko prestatzen denean, berandu ibili eta txiza egin barik autobusera igotzen denean. Horixe dugu ondorengo gertakari guztien abiapuntua eta arrazoia. Urkok, autobusean, gero eta txizagura handiagoa du eta errotonda baten ondoan, semaforoa gorri jarrita, jaitsi egiten da une batez txiza egiteko. Jakina, autobusak ihes egingo dio eta mutikoa errotonda barruan geratuko da, lurralde aparte batean, miresgarrian, motxilan daraman Alizia herrialde miresgarrian liburuaren antzeko egoera batean. Nonsense-a, edo zentzugabea dugu Lewis Carrollen nobelaren ezaugarri nagusi, eta antzekoa da Leire Bilbaoren ipuin hau; etengabe errotondan zuloak egiten dituen satorren atzetik abiatuta hainbat pertsonaia eta egoera xelebre ezagutuko ditugu. Bonbillaz betetako oreina, semaforoko gizontxoak… edo hitz egiten duen harria:  "–Aizu, badakit buru gogorra dudala… baina ez dut zure hanketako usaina zertan jasan –esan du sudurra itxita duenaren ahotsarekin. –Hara! Falta zitzaidan bakarra! Berbetan dakien harri bat –esan dut oihu harritu batekin. –Ni ez naiz harri bat. Ni Harry naiz –esan du irmo". Zentzugabea izateak badu umoretik ere zerbait, xelebrea baita Urkori gertatzen zaiona, xelebreak aurkitzen dituen lagunak eta xelebreak haien arteko elkarrizketak.  Kontakizuna gertakariz, kapitulu laburrez osaturik egoteak laguntzen du irakurketan, handik eta hemendik pikatzen ari den pertsona dugu irakurlea, eta denbora pasaren sentsazioa astiro gertatzen bada ere, egunak aurrera egiten du. Autobusa bueltan, errotondan dagoela… "Andereño Mirenek nigan erreparatu du, edo hori iruditu zait behintzat, bere aurpegi izutua ikustean. (…)  –Txizalarri nintzen, andereño. Eta ezin izan diot barrua husteko premiari eutsi. –Azkar, sartu zaitez barrura! Zure amak jakiten badu! –esan du–. Ez, hobe jakiten ez badu –gehitzeko gero". Ikusten den bezala, errealitate gordinena fantasia handienarekin batera agertzen dira kontakizun entretenigarri eta atsegin honetan. Eta tonu hori Eider Eibarren irudietan ere islaturik dugu; kolore bizi, ikuspegi ezberdin, neurri eta forma diferenteak, kontakizunaren haria osatuz eta aberastuz. Errotondan bueltaka liburuko orrietan murgiltzen den irakurlea, untxiaren atzetik zihoan neskatoaren antzera, mundu fantastikoan murgilduko da harik eta Tiranosaurioa, barka autobusa, agertu arte; gure errealitatera itzuli arte. n    Xabier Etxaniz ErleEgoera sinple eta arrunt batetik abiatuta Leire Bilbaok obra irudimentsu eta fantastikoa aurkezten digu; errealitate kutsua du hasieran, Urko eskolara joateko prestatzen denean, berandu ibili eta txiza egin barik autobusera igotzen denean. Horixe dugu ondorengo gertakari guztien abiapuntua eta arrazoia. Urkok, autobusean, gero eta txizagura handiagoa du eta errotonda baten ondoan, semaforoa gorri jarrita, jaitsi egiten da une batez txiza egiteko. Jakina, autobusak ihes egingo dio eta mutikoa errotonda barruan geratuko da, lurralde aparte batean, miresgarrian, motxilan daraman Alizia herrialde miresgarrian liburuaren antzeko egoera batean. Egoera sinple eta arrunt batetik abiatuta Leire Bilbaok obra irudimentsu eta fantastikoa aurkezten digu; errealitate kutsua du hasieran, Urko eskolara joateko prestatzen denean, berandu ibili eta txiza egin barik autobusera igotzen denean. Horixe dugu ondorengo gertakari guztien abiapuntua eta arrazoia. Urkok, autobusean, gero eta txizagura handiagoa du eta errotonda baten ondoan, semaforoa gorri jarrita, jaitsi egiten da une batez txiza egiteko. Jakina, autobusak ihes egingo dio eta mutikoa errotonda barruan geratuko da, lurralde aparte batean, miresgarrian, motxilan daraman Alizia herrialde miresgarrian liburuaren antzeko egoera batean.   Nonsense -a, edo zentzugabea dugu Lewis Carrollen nobelaren ezaugarri nagusi, eta antzekoa da Leire Bilbaoren ipuin hau; etengabe errotondan zuloak egiten dituen satorren atzetik abiatuta hainbat pertsonaia eta egoera xelebre ezagutuko ditugu. Bonbillaz betetako oreina, semaforoko gizontxoak… edo hitz egiten duen harria:    "–Aizu, badakit buru gogorra dudala… baina ez dut zure hanketako usaina zertan jasan –esan du sudurra itxita duenaren ahotsarekin. –Hara! Falta zitzaidan bakarra! Berbetan dakien harri bat –esan dut oihu harritu batekin. –Ni ez naiz harri bat. Ni Harry naiz –esan du irmo".   Zentzugabea izateak badu umoretik ere zerbait, xelebrea baita Urkori gertatzen zaiona, xelebreak aurkitzen dituen lagunak eta xelebreak haien arteko elkarrizketak.    Kontakizuna gertakariz, kapitulu laburrez osaturik egoteak laguntzen du irakurketan, handik eta hemendik pikatzen ari den pertsona dugu irakurlea, eta denbora pasaren sentsazioa astiro gertatzen bada ere, egunak aurrera egiten du. Autobusa bueltan, errotondan dagoela… "Andereño Mirenek nigan erreparatu du, edo hori iruditu zait behintzat, bere aurpegi izutua ikustean. (…)    –Txizalarri nintzen, andereño. Eta ezin izan diot barrua husteko premiari eutsi. –Azkar, sartu zaitez barrura! Zure amak jakiten badu! –esan du–. Ez, hobe jakiten ez badu –gehitzeko gero".   Ikusten den bezala, errealitate gordinena fantasia handienarekin batera agertzen dira kontakizun entretenigarri eta atsegin honetan. Eta tonu hori Eider Eibarren irudietan ere islaturik dugu; kolore bizi, ikuspegi ezberdin, neurri eta forma diferenteak, kontakizunaren haria osatuz eta aberastuz.   Errotondan bueltaka liburuko orrietan murgiltzen den irakurlea, untxiaren atzetik zihoan neskatoaren antzera, mundu fantastikoan murgilduko da harik eta Tiranosaurioa, barka autobusa, agertu arte; gure errealitatera itzuli arte.
news
argia-bac89c439e58
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/batasunaren-indarra.html
Batasunaren indarra
Xabier Letona
2015-09-06 00:00:00
Batasunaren indarra LEHENENGO aldiz irailaren 27an independentzia nahi duten katalanek legezko hauteskunde batzuetan aukera horren aldeko hautua egin ahal izango dute. Trikimailuarekin orain ere, jakina, hamaikagarrenez Espainiak ez baitu onartzen legezko kontsulta zuzenik, Quebecen edo Eskozian egin zuten moduan. Eta Espainiaren etengabeko ezezkoaren aurrean, independentistek zeharkako plebiszituaren hautua egin dute. Neurgailua Junts pel Sí independentziaren aldeko hautagaitza bateratua izango da. Eta hari gehituko zaizkio, halaber, CUPen botoak. Ezezkoaren aldekorik ez da plebiszituan, baina independentziaren aldekoak ez diren boto guztiak kontatuko dira ezezko gisa, baita federalismoaren aldeko hautua sendotuko duen Sí que es Pot hautagaitzarenak ere. Funtsean Podemos eta Iniciativak bideratzen dute saioa, eta Katalunian egiazkoa den federalismoaren aldeko indar asko batu dezake. Ikerketen arabera, herritarren %25etik %30ra da federalista Katalunian, eta multzo hori independentziara eramatea izango da epe motz eta ertainera egungo bloke independentzia zaleak izango duen erronka nagusia. Horretarako, epe motzeko saioa irailaren 27ko hauteskundeetakoa izango da. Ez da zalantzarik soberanismoak irabaziko dituela, bai eserlekutan eta baita bototan; baina zalantza askoz handiagoa da plebizitua irabaziko duen ala ez, hau da, emandako botoen %50etik gora lortuko duen. Oso gaitza izango da, baina falta diren hiru asteetan edozer gerta liteke. Ez da ahaztu behar iragan azaroaren 9an izandako ezustekoa: aurreikuspen guztiak hautsiz, 2,3 milioi pertsonak parte hartu zuten Espainiako Auzitegi Gorenak debekatutako erreferendum batean, horietatik 1,8 milioi independentziaren aldekoak ziren.      ORAIN 5,5 milioi pertsonak dute boto eskubidea irailaren 27an. Parte-hartzea, beraz, giltzarri izango da, baina ez dago garbi noren mesedetan, bai boto espainiar zaleak bai independentismoak haien aldekoa litzatekeela uste baitute. 2012ko hauteskunde autonomikoetan %67k bozkatu zuen, hau da, 4,1 milioi pertsonak eta CiUk, ERCk eta CUPek 1,74 milioi boto lortu zituzten. Irailaren 27an kopuru hori gaindituko bide dute, baina boto emaileen erdia gainditzea giltzarri litzateke prozesuak gutxieneko sendotasunarekin jarraitzeko. Hori ematen ez bada ere, independentismoak gehiengoa izango bide du Legebiltzarrean, baina bistan da beste era batera jokatu beharko duela, batez ere parte-hartzearen %70 gainditzen ez bada. Hala ere, oso posible da gainditzea: 2012an parte-hartzea inoizko handiena izan zen hauteskunde autonomiko batzuetan (%67,76) eta oraingo motibazioak herritarrak parte hartzera deituko dituelako. Hau ez da Quebec edo Eskoziako erreferenduma, baina Kataluniako gizartean bada aski tentsio independentismoak irabaz dezan. Plebiszitua irabazten ez badu eta parte-hartze txikia bada independentzia prozesuak husteko arrisku handia izango du. Eta bestela ere ikusi egin behar. Azaroko erreferenduma arrakastatsua izan zen, baina ondoren soberanistak ez ziren gai izan gizarteari proposamen adostua luzatzeko eta prozesua hustu egin zen. Neke zantzuak ere sumatu ziren gizartean.      JUNTS PEL SIk lortu du azken unean independentismoa berriz aktibatzea eta, Diada tranpolin gisa, sendo doa irailaren 27rantz. Une honetan, hori da garrantzitsuena, eta orain arteko Espainiaren jarrera ikusita, badirudi Mariano Rajoyk erabaki duela bere ohiko estrategiarekin erantzutea, hau da, arazoari iskin egin eta emaitzen eta mugimendu independentistaren zain egon. Hanka ez sartzearekin nahikoa luke bere ustez, eta horretarako ahalik eta tentsio gutxiena sortzen saiatuko da, batez ere lege eta debekuen banderak gehiegi astindu barik. Bitxia bada ere, bere alderdiaren emaitzei baino gehiago begiratuko die Ciutadans eta Sí que es Pot-ek lortutakoei, lehenari espainiar zaleen gotorlekuarentzat giltzarri bilakatu delako, eta bigarrenari independentismoa ahulduko duelakoan. Laster ikusiko dugu Junts pel Sí-ren indarra, baina denak adierazten du lortu duela independentismoa banatuta joanda baino ilusio handiagoa sortzea. Batasunak ilusioa sortu ohi du herritarrengan, batez ere oinarri eta helburu sendoa duenean. Izan Katalunian, izan Nafarroan edo izan EAEn.
news
argia-29222f67fe2f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/arrosatik-gorrira-2.html
Arrosatik gorrira
Inma Errea
2015-09-06 00:00:00
Arrosatik gorrira Arrosa koloreko mundua, hori agintzen zaie neskei txikitatik. Tonu arrosetan blai datoz jostailu-iragarkiak, jantzi eta osagarriak, eskola-materialak... Ez dut gogoan arrosa kolorea bereziki gustuko izatea haurtzaroan, ez nik, ez inguruko neskek, nahiz bagenituen neska gisa bereizten gintuzten ezaugarriak: parpailez eta loredun estanpatuez betetako soinekoak, printzesen ipuinak, ezkongaienak ziruditen jaunartze- jantziak... Baina arrosak koska bat gorago egin zuen, eta, neska txikien kolore tradizionala izateari utzi gabe –mutiko txikien urdin argiari kontrajarrita–, emakume-kolorea bilakatu zen (andreak eta haurtxoak nahita pareko?). Orain, neskatila eta emakume askok arrosa biziki maite dute, eta mutiko askok biziki arbuiatu, neskatilen kolorea delako! Eta jende askok uste du jaiotzetikoak direla arrosarekiko zaletasuna eta gorrotoa. Arrosa kolorea emakumezkotasunaren ikur nagusietako bat izaki, ez da bakarra. Neskatilak haztean, beste baliabide batzuk dituzte eskura emakume agertzeko: jantzi iradokitzaileak, orrazkera ezin zainduagoak, takoiak, makillajea... Azkenotan, industriaren saltzeko grinak mutilentzako ere asmatu ditu halakoak, baina, gauzak zer diren, beti bezain zorrotz bereizten ditu gizonen eta emakumeen estetikak. Emakumeak, emakume, eta gizonak, gizon. Eta aukera sexual desberdinaren bat dutenek ere estereotipo horietara beraietara jo behar, beren hobespenak aldarrikatuko badituzte: genero-rolek ez dute barkatzen. Emakume askori, ordea, arrosa gorri bihurtzen zaie, beren odolaren gorriaz tindatzen zaie agindu zieten arrosa koloreko bizitza. Maiz, bizitza izateari utzi, eta heriotzarik beltzena bilakatzen zaie. Jende asko urduritzen da, entzuten duenean, arrosa koloreko lilurari tinko eutsita gizonen ikuspegia gizartean nagusi bihurtzen duen bereizketa sexistak bultzatzen duela genero-indarkeria. Jende askok –emakume zein gizon– gustuko ditu amets erromantikoak eta arrosaz margotutako errealitatea, ez die uko egin nahi halakoei, eta ez du ikusi nahi zer dagoen egiatan bortizkeria sexistaren atzean. Baina honezkero premiazkoa da: bortxaketa edo hilketa bat dagoen bakoitzean nola den posible galdetzen ibili ordez, gizarte honetako sexismoa desmuntatu behar dugu, attrezzo (arrosa) eta guzti, emakumeak arrosatik gorrira daramatzan bidea eteteko.
news
argia-76c5ebaa1af0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/egin-ditzagun-film-kaxkarrak.html
Egin ditzagun film kaxkarrak!
Gaizka Izagirre
2015-09-06 00:00:00
Egin ditzagun film kaxkarrak! Sharknado, Mega Shark vs Mecha Shark, Abraham Lincoln vs. Zombies, Mega Python vs. Gatoroid, Crocosaurus… Ziur azkenaldian eta behin baino gehiagotan entzun dituzula izenburu xelebre hauek. Interneten gora eta behera dabiltza pelikulak eta bertako trailer eta bideoak sare sozialen bitartez, izugarri biralizatzen dira. Jakin, zentzugabeko izenburu horien atzean izen bat dagoela: The Asylum.      Azken urteotan, Hollywood-etik etengabe bonbardatzen gaituzte, remake, reboot, prekuela eta originaltasun falta larria duten ehunka ekoizpenekin. Baina, The Asylumek aireratzen dituen filmekin konparatuz gero, sormenaren gailurrak dirudite.      Eta zer da zehazki The Asylum? Ekoizpen eta banaketa lanak egiten dituen konpainia zinematografiko amerikar bat, ezaugarri nagusi batzuk dituena: aurrekontu eskaseko filmak direla, aurretik existitzen diren hainbat blockbusteren plagio parodiko-okerrak, zuzenean DVD/Blu-ray merkatura irteten diren fikzioak. Harrigarria dirudien arren, gehienetan oso errentagarriak izaten dira, jatorrizkoak zinema aretoetan estreinatu baino lehenago aireratzen baitituzte, denbora-errekor guztiak hautsiz, filmen kopiak ( Mockbuster deiturikoak). Pacific Rim iragarri zutenean adibidez, Atlantic Rim errodatu zuten segituan. Gehienak lau hilabetean errodatu dira.      Merkezurreko eta gaizki eginiko efektu berezi horiei gehitu behar zaizkie azken-lerroko aktoreen zerrenda kaskarra, edo aktore ezagunen senideak. Ez-dakit-noren anaiaren lehengusua, beste horren semearen osaba eta abar. 1980ko eta 90eko hamarkadetan telesail arraroetan irtendakoek ere badute lekua fikzio hauetan: Power Rangersen lan egindakoek, adibidez edo ostrazismoan galdurik dabiltzan beste batzuk, Steve Urkel (Jaleel White) besteak beste.      Eta nondik dator arrakasta? Konpainia 1997 urtean sortu zen eta hasieran beldurrezko filmak egiten zituzten batik bat. Baina konpetentzia zela eta, 2005. urtean hasi ziren joeraz aldatzen. Urte horretan Steven Spielberg eta Peter Jackson zuzendariek, King kong eta The War of the worlds filmak estreinatu zituzten hurrenez hurren. Nola ez, Asylumekoek H. G. Wells' War of the Worlds eta King of the Lost World ekarri zituzten.      Hortik aurrerakoa, parranda galanta! 2006. urtean, The Da Vinci Treasure, Snakes on the Train eta Pirates of Treasure Island (The Da Vinci Code, Snakes On a Plain eta Pirates of Caribean en bertsioak noski); 2007an, Transmorphers eta abar. Esan beharrik ez dago, nabarmena baita, filmak oso txarrak direla, baina lagunartean barre batzuk egiteko paregabeak.      Honi lotuta bada beste kontzeptu bitxi bat, Hollywood aldean azken urteotan geroz eta gehiago zabaltzen ari dena: high concept delakoa. Paperean tontakeriak diruditen filmak, baina sekulako arrakasta eta diru sarrera ikaragarriak dituztenak. The Asylumen kasuaren antzera, ezinbestekoa, film horren premisa, esaldi bakarrean kontatzeko modukoa izatea. Tontakeria? Ala jeinutasun hutsa? Mota honetako filmen adibide bat lehen aipaturiko Snakes On a Plane da: hegazkin bat sugez beterik. Hain erraz laburbildu daiteke, filmaren izenburua berarekin jakin baitezakegu zeri buruzkoa den. Arrakasta izan dezan, saihestezinak diren ezinbesteko hiru baldintza bete behar dira: filmak promozio bortitza eduki behar du, ahalik eta merchandising gehiena saldu eta batez ere, nerabeen artean arrakasta duen aktore lirain eta eder bat tartean sartu. Interpretazioaren prodijio hutsak diren, Taylor Lautner, Kristen Stewart ala Zac Efron, adibidez.      Beraz badakizue, ez galdu denborarik gidoiarekin. Filma mundu guztira zabaltzeko Weinstein bezalako tipo bat kontratatu, aktore ezagun eta lirain bat aukeratu (ona ala txarra, berdin dio); kamiseta eta panpina bilduma zabala sortu eta aberastera! Oraintxe okurritu zaidan bat: Sagardorik gabeko sagardotegi batean, bi astez harrapaturik geratzen den frantses koadrila bat .
news
argia-d017d921cbf9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/trantsizioak-erakusketa.html
Lau hamarkadatako eraldaketak hamaika iruditan
Urko Apaolaza Avila
2015-09-06 00:00:00
Lau hamarkadatako eraldaketak hamaika iruditan Apal ilunetan gorderik, Argiak badu altxor bat urteen poderioz distira gehiago egiten duena. Bere artxibo historikoan azken lau hamarkadatako milaka argazki daude "ezkutatuta", horietako asko argitaragabeak. Orain, horien aukeraketa bat ikusgai jarriko dugu Trantsizioak erakusketaren bidez, gure historia hurbilean izandako eraldaketa sozial eta politikoei begira diezaiegun. 1976an Argiaren –garai haietan oraindik Zeruko Argia zen– irakurleek aldaketa itzela sumatu zuten. Euskal prentsaren dekanoak, ordura arteko formatu tabloidea utzi eta magazine modernoen itxura hartu zuen, Lemoizko zentral nuklearraren obrak erakusten zituen koloretako azal eta guzti. Aldaketa horrek ate bat zabaldu zuen astekariaren diseinuan eta derrigorrean ekarri zuen argazkiei garrantzi handiagoa ematea. Ordurako, kazetari belaunaldi berria zebilen lanean, diktaduraren zentsura gainditu eta puri-purian zeuden gai politikoak eta sozialak espresuki lantzeko prest. Horrek guztiak azal lezake zergatik den hain aberatsa Argiaren argazki artxiboa 1976tik aurrera, eta beldurrik gabe esan liteke 70eko eta 80ko hamarkadetako zenbait gaien inguruko ilustrazioak –euskalgintzari dagozkionak esaterako– balio handiko dokumentu historikoak direla. Trantsizioak erakusketan horien selekzio bat ikusi ahal izango da, 250 argazki inguru. Erakusketa Oñatin zabalduko da irailaren 19an –Argia Egunaren bezperan– Gaztelekuan. Horren ondoren beste hainbat tokitara eramango dugu erakusketa, ibiltaria izateko bokazioz jaio baita proiektua. Eraldaketen ispiluak "Trantsizioa" hitzak badu esangura jakin bat Espainiako historiografia konbentzionalean, Francoren diktaduratik garai "demokratikora" arteko urteak lirateke. Haatik, Euskal Herrian asko dira trantsizio politiko hori amaitu gabe dagoela diotenak. Nolanahi ere, trantsizioaren adiera zabalagoa eta anitzagoa islatu nahi du argazki erakusketaren izenburuak, etengabeko krisi eta eraldaketen artean bizi baikara, izan energiaren arloan edota eskubide zibilen defentsan, eta 2007an lehertutako krisi ekonomikoak are ageriago utzi du trantsizio horien beharra.    Erakusketa hainbat paneletan dago antolatuta eta bakoitzean gai zehatz bat aurkezten da, Franco hil osteko urteetatik gaur arte. Ikus ditzakegu, esaterako, desobedientziaren bidean Euskal Herrian eman diren pausoak, lehen intsumituen garaietatik herri harresietara. Edo abortatzeko eskubidearen aldeko lehengo eta oraingo mobilizazioak jarri ditugu parez pare. Azken batean, aldaketa horiek utzitako arrastoak eta sortutako kontraesanak azaldu nahi dira irudien eta testuen bidez; kasu askotan protagonista izan zirenen esanekin eta astekarian argitaraturiko edukiekin osatuta. Argazki baten indarra Maiz, aitaren altzoan kamerari so dagoen haurraren begirada nahikoa izan ohi da albiste baten angelu itsua ikusarazteko, adibidez ikastolen aldeko gose greba baten atzean dagoen sentsazio mutua azaltzeko. Erakusketarako argazkiak aukeratzeko garaian, ahalegin berezia egin dugu irudiak berak transmititzen duenari indarra ematen; izan ofizioz hartutako bat-bateko eszena, nahiz argazkilariak subjektiboki bilaturiko erretratu artistikoa. Argiaren artxiboan dauden argazki gehienak bertako kazetariek, argazkilariek eta kolaboratzaileek ateratakoak dira, beste batzuk enkarguz eginak eta askok jatorri ezezaguna dute, batez ere 70 eta 80ko hamarkadakoek; tartean badaude sekula argitaratu gabeko dokumentu grafikoak. Ahal den neurrian argazkien jatorria eta argazkilarien lana aitortzen da erakusketan. Testuei dagokienez, hemeroteka lana funtsezkoa izan da argazki-oinean testuingurua ahalik eta modu zehatzenean laburbiltzeko. Zenbait gai jorratzeko garaian, bestalde, oso baliagarriak izan dira hainbat lan erreferentzial, euskararen arloan esaterako Dabid Anauten Euskararen Kate Hautsiak liburuan oinarritu da informazio ugari. Erakusketa honekin Euskal Herriko historiaren azken 40 urteei errepasoa eman nahi izan diegu, aurrez aurre ikus dezagun gure burua ispiluaren aurrean.
news
argia-7c5d9ff9d4f5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/lehorretik.html
Lehorretik
Edu Zelaieta Anta
2015-09-06 00:00:00
Lehorretik Lehorretik ari da begiralea, haurrek igerian ikas dezaten. Igerian irakasteko metodo bitxia. Busti gabe. Pedagogia ezaguna dugu, edonola ere: egizu nik esaten dudana, ez egiten dudana. Historikoki apez frankok praktikatu izan dute halako ikasbidea, bai eta (bestelako) agintari batzuek ere, bereziki botere-gune nagusien inguruan aritu direnek.     Lehorrean egin du saio guztia begiraleak, mahuka motzeko kamiseta bat jantzia duela. Eta hala jardun du egunero, ikastaroa bukatu arte. Busti gabe, instrukzioak eta aginduak ematen ozenki, tarteka zakar antzean, soinean daraman kamiseta bereizgarri: bainujantzian ez dagoen pertsona bakarra bera da. Gogoan hartu, baina, ez dela bereizgarri bakarra: igeri egiten ez duen bakarra igerian irakasten duen begiralea da. Lehor hasi, lehor jardun, lehor bukatu.     Lehorretik abiatu da ikasturte berria, Kataluniako hauteskundeak atarian daudela. Izan ere, Madrilen, igeriketa ikastaroan bezala, lehorraren legea da nagusi. Ikuskizun dago orain zein jarrera hartuko duten ur mugituetan sartuko diren boto-emaileek, eta nori eginen dioten kasu ez itotzeko.
news
argia-30133cc84b31
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/cannabisa-shakespeareren-pipetan.html
Cannabisa Shakespeareren pipetan
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-09-06 00:00:00
Cannabisa Shakespeareren pipetan Witwatersrand (Hegoafrika) Unibertsitateko ikerlariek William Shakespeareren jaioterri Stratfort-upon-Avon-en aurkitutako hainbat pipa aztertu dituzte, horietako batzuk idazlearen lorategian bertan topatutakoak.      Masen espektrometria eta gasen kromatografia teknikak erabiliz, aztertutako 24 pipa zatietatik zortzitan cannabis arrastoak aurkitu dituzte eta, beste bitan, koka hosto arrastoak. Kalamua zuten lau zati idazlearen lorategikoak ziren, ustez idazleak berak erabilitakoak; gainerakoak, inguruko beste etxe batzuetakoak.      Shakespearek drogan eraginpean idazten zuela esan nahi al du horrek? Witwatersrand Unibertsitateko Francis Thackerayen hipotesiaren arabera, idazleak kalamua erretzen zuen, baina koka hostorik ez, kokaren eragin kaltegarriez jabetu omen zelako. Hipotesiak hipotesi, ikerketak frogatu duena da duela 400 urteko Ingalaterran drogen kontsumoa hedatua zegoela.
news
argia-6ba60bad2c7a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/stephen-hawkingek-hitz-egiteko-darabilen-softwarea-askatu-dute.html
Stephen Hawkingek hitz egiteko darabilen softwarea askatu dute
Joxerra Aizpurua
2015-09-06 00:00:00
Stephen Hawkingek hitz egiteko darabilen softwarea askatu dute Stephen Hawking astrofisikariak eta Intel konpainiak ACAT izeneko gizaki-makina interfazea liberatzea erabaki dute.      Sistema horren bidez, betaurrekoetan dagoen hargailu infragorri batek aurpegiko muskuluen higidura detektatu eta ordenagailu batera bidaltzen du, ahots robotiko bihurtuz.      ACAT interfazea Windows sisteman baino ez du funtzionatzen, eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonen bizitza hobetzea espero da, hitz egiteaz gain ordenagailuetan oinarrizko hainbat eragiketa egitea ahalbidetzen baitu.      Inork sistema honen ezaguera zabalagoa nahi badu edota softwarea deskargatu nahi badu ondoko helbidera jo beharko du: https://01.org/acat.
news
argia-eaf3ac1c0579
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/biarritzen-mintzalasai-ekimenaren-laugarren-edizioa.html
Biarritzen, Mintzalasai ekimenaren laugarren edizioa
Onintza Irureta Azkune
2015-09-06 00:00:00
Biarritzen, Mintzalasai ekimenaren laugarren edizioa Biarrizko kaleetan, haur parkeetan, okindegian eta lantokian euskara erabiltzea bultzatu nahi du Mintzalasai ekimenak.     Erabilera, erakargarritasuna eta ikusgarritasuna ditu ardatz, hizkuntza paisaia elebakarrean, dendari askok euskaraz ez dakiten herrian, beti ez baita erraza euskaraz egitea. Oztopoen aurrean aukerak bilatu nahi dituzte ordea biarriztarrek eta pentsatu nahi dute "gutxi" baino, "uste baino gehiago" direla.     2011n hasi ziren antolatzen Mintzalasai. Sare handiak hartzen du parte antolaketan. Zazpi egunez luzatzen da egitaraua, 70 hitzordu izaten dira Biarritzen barrena. 25 elkartek antolatzen dute astea, 50 egiturak hartzen dute parte eta 100 pertsona inguruk laguntzen dute.     Mintzalasai astea irailaren 21etik 27ra bitartean izango da. Egun bakoitzean gai bat landuko dute: 21ean, sukaldaritza eta ardo dastaketa; 22an, formakuntza; 23an, haurren eguna; 24an, mintzaldi, proiekzio eta eztabaidak; 25ean, hizkuntzen eta kulturen topaketa; 26an, dantza; eta 27an, euskara familian eta lagunartean. Mintzalasai-ren webgunean egitaraua osatuago ageri da.     Antolatzaileek erakundeen lanaren zain egon gabe, euskara erabiltzeko norberak egin dezakeenari eman diote lehentasuna eta horrela dio Mintzalasairen aurkezpenean: "Badakigu indarrean diren hizkuntza politikak oraindik eskasak direla beharrezko emaitza sakonak eragiteko. Baina nehorren nahikeria itxoin gabe, gauza asko egin ditzakegu, gure buruak aktibatzen hasiz".
news
argia-23a3adc2ac64
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/bingen-amadoz.html
"Gerra zibileko matoi asko lasai ederrean hil ziren, inolako damurik gabe"
Koldo Azkune
2015-09-06 00:00:00
"Gerra zibileko matoi asko lasai ederrean hil ziren, inolako damurik gabe" Nafarroan 1936an faxistek eragindako milaka hilketen erantzuleen inguruko informazioa biltzen ari da Bingen Amadoz (Murillete, 1952) ikerlari eta kazetaria. Fusilatuen senidea izaki, garbi du biktimek ez dutela mendekurik bilatzen, baina sarritan euren buruei sinetsarazi diete hiltzaileak gaizki amaitu zuela, "eta asko lasai ederrean hil ziren". Kontu ezaguna da 1936ko Gerrak Nafarroako bazter gehienak odolez zikindu zituela. Mola jeneralak "beldur-giroa" sortzea beharrezkoa zela ebatzi zuen, eta, agindu sekretu baten bidez, Fronte Popularrarekin zerikusia izan zezakeen edonor fusilatzera bidali zuen. Heriotza-orgia horretan hil zituztenen artean, Bingen Amadoz, Euskadi Irratiko kazetari ohiaren aitona eta osaba zeuden, Murilleteko bizilagunak biak, lur komunalen aldeko borrokan nabarmenduak. Zigorra ez zen, baina, bere horretan gelditu, eta hurrengo urteetan segida izan zuen, eguneroko joan-etorrietan senideen garunean tiro egin zuten hiltzaileekin gurutzatu behar izan zutelako, umilazioa biderkatuz.      Orain, aurre-jubilazioa hartuta, kazetari nafarrak hiltzaileen inguruko testigantzak jasotzen dihardu, ahal duenean liburu batean argitaratzeko asmoz, Gerra Zibilaren justizia eza egiaren aitortzarekin arindu daitekeela sinetsita. Iruñeko udal aldaketa dela-eta "Eroritakoen" eraikinaren afera mahai gainean dago berriz. Nola da posible Iruñea erdian Mola eta Sanjurjo faxisten hilobiak mantentzea? Lehenik eta behin, plazari izena aldatu beharko zaio. Rodeznoko kondeak milaka heriotza-zigor sinatu zituen, hiltzaile ikaragarria izan zen. Gero, noski, Mola eta Sanjurjoren gorpuzkinak euren familiek nahi duten lekuetara eraman beharko lituzkete. Leku hori hustu egin behar da, garbitu. Eraikuntzarekin ez dakit zer egin daitekeen. Batzuek esaten dute bota egin behar dela, edo Memoriaren museo bilakatu... Ezkabako gotorlekuarekin ere arazo bera daukagu. Bi gune hauekin zer egin publikoki eztabaidatu behar da. Zure familia faxisten errepresioaren helburu izan zen. Denbora asko pasa da orduz geroztik, sendatu al dira zauriak? Zama horren presioa bizitza osoan sentitu dugu gainean. 1936ko abuztuan, gauez, herriko beste bost lagunekin batera aitona eta osabari eskuak lotu eta Marcillara doan bide bazterrera bota zituzten, tiroa eman eta gero. Sozialistak ziren eta gizartea hobetzeko konpromisoa zuten hartuta. Nire ahaideek aberatsek lapurtutako komunalak herriarentzat berreskuratu nahi zituzten, eta borroka horretan nabarmendu ziren. Beste hainbat etxetan bezala, gurean ere ikaragarri sufritu izan da. Nire aitari bizitza errotik ebaki zioten 13 urte baino ez zituela, etorkizunik gabe utzi zuten. Ahal izan zuten guztia lapurtu ziguten, eta galtzaileak ginenez emigratu beharrean izan ginen. Batzuek Ameriketara jo zuten, beste batzuek Gipuzkoa eta Bizkaira. Sarraski hura gertatu izan ez balitz, egun oso bestelakoak izango ziren gauzak. Familiak normaltasunez heldu dio jazotakoari? Bai aitak eta bai amak etxean beti horren berri ematen ziguten, oso kontziente ginen. Karrikan gure senideen hiltzaileak ikusten genituen. Beste familia batzuetan gertaera horiek isiltzea aukeratu zuten, gurean ez baina. Hiltzaileak ez ziren bakarrik tiroka ibiltzen zirenak. Salatariak ere hiltzaileak ziren, susmagarrien zerrendak idazten zituztenak... Inork ez zuen 1936an etorriko zena espero, beren aldamenekoengandik, eta batzuetan beren familikoengandik, halako erasoak sufrituko zituztenik. Eromen kolektiboa izan zen. Nortzuk erein zuten eromen horren hazia? Herrietan boterea zutenek, aberats batzuek. Baina hilketak egiterakoan, pobreenak izan ziren horien arduradun. Boteretsuek erreklamazioak egiten zituztenen kontra jo zuten eta horretarako beren zerbitzura zeuden morroiak erabili zituzten, herriko miserableenak, klase kontzientziarik gabeko gajoak. Zergatik ari zara "matoien" gaineko informazioa biltzen? Gerra Zibilaren kontaketan hutsune asko daude, eta gai hori horren adibide da. Hiltzaileez ez da ia hitz egin, tabu moduko bat izan da. Biktimen testigantzak jasotzen ditudanean bi gauza errepikatzen dira: ez dituzte hiltzaileen izenak eman nahi oraindik beldurra existitzen delako, eta horretaz gain, ez dituzte hiltzaileen ondorengoak kaltetu nahi, horien artean ere oso pertsona onak daudelako. Errekete eta falangisten oinordekoek, aitzitik, behin eta berriz zera errepikatzen didate: beren aitona edo dena-delakoa oso pertsona ona izan zela. Eta tira, batzuk onak izanen ziren, baina ez denak.      Argi izan behar dugu erruak ez direla heredatzen, erruak pertsonalak direla eta ez beste inorenak. Biktimek ez dute mendekurik bilatzen, eta are gutxiago hiltzaileen ondorengoen kontra. Zeintzuk dira Nafarroako "matoi" ezagunenak? Berbintzanako Txato da ospetsuena, herri gehienetan aipatzen dute bere izena. Kaparrosoko Foro ere ezaguna izan zen, edo Iruñeko Galo Egues edo Benito Santesteban. Gutxi batzuk nabarmendu ziren, baina "matoi" asko egon ziren pertsona gutxi batzuen hiltzaile izan zirenak, beren herrian edo ondoko herrian... Horregatik harrituta gelditzen naiz "nire aitona falangista edo erreketea izan zen eta oso pertsona ona" esaten didatenean. Izan liteke, baina "matoiak" nonbait egotekotan euren artean zeuden. Eta elizak zer zerikusi izan zuen "matoiei" bide eman zien 1936ko uda odoltsuan? Elizak oso paper beldurgarria izan zuen. Mingarria da ikustea apaizak zein punturaino izan ziren kolaboratzaile. Apaiz gutxi batzuk ere biktimak izan ziren, Pitillasen, Kasedan edo Iturenen, kasu, baina gehienak kolaboratzaile zuzenak izan ziren. Batzuek sermoietan jendea hiltzera animatzen zuten, beste batzuk zuzenean joaten ziren "matoien" artean, beste batzuek tiroak eman zituzten, beste batzuek armak konfesatokietan banatzen zituzten... Gerra amaituta, nola lortu zuten hildakoen senideek hiltzaileekin batera bizitzea? Nekez. Askok ezin izan zuten halako umilaziorik jasan eta herritik ospa egin zuten, ezin zutelako beren aitaren edo anaiaren hiltzailea aurrez aurre ikusi, zigorrik gabe, harro-harro paseatzen. Biktimen familiek inpunitate hori oso gaizki eraman zuten. Inpunitate horren aurrean, herriak justizia mentala baliatu du; hots, euren buruei sinetsarazi diete hiltzaileek oso gaizki bukatu zutela, oso gaizki eraman zituztela euren bizitzetako azken urteak, erotu zirela, beren buruez beste egin zutela... Eta egia da batzuk horrela bukatu zutela, baina beste asko lasai ederrean hil ziren, ohean etzanda, inolako damurik gabe. Noizko espero duzu egiten ari zaren azterketa amaitzea? Entzun behar izan ditudanak hain kontu latzak direnez, lan hau nahi eta nahiez mantso hartu behar izan dut, kontatzen dizkidaten gertaera horiek barneratu behar ditudalako. Eta oso zamatsua suertatzen da hori, sufrimendu handia dagoelako, eta sufrimendu hori kutsatzen delako. 3.500 drama ezberdin dago. Maiz etxera lur jota itzultzen naiz.
news
argia-cd9c49dc0622
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/eta-2015eko-abuztuan-2008ko-krisitzarra-berpiztu-zen.html
Eta 2015eko abuztuan 2008ko krisitzarra berpiztu zen
Pello Zubiria Kamino
2015-09-06 00:00:00
Eta 2015eko abuztuan 2008ko krisitzarra berpiztu zen 2015eko abuztu hura gertatu zitekeen AEBetako presidenteak Iranekin bake nuklearra sinatu eta Kubako komunistekin harreman diplomatikoak ezarri zitueneko oporraldi itxaropentsua, Obama-Kennedy berri baten ospakizuna. Zoriona mikazteko, ordea, lau milioi etorkin Mediterraneoan, Txinako burtsak lehertzeko zorian... Aktualitatea gaur den zirkoak kasik lanbropean galduta utzi ditu 2015eko udak ekarritako bi opari diplomatiko, biak ere Barack Obama lehendakari estatu batuarrari zor zaizkionak. Irango agintariekin arma nuklearren aferan lortutako itunak daukan garrantzia historiaren orrietan idatzirik geratuko da. Eta Raul Castrorekin Kubarekiko harreman diplomatikoak berpiztuz sinatutako bakeak aspaldiko keinu sinboliko sendoenaren arrastoa lagako du. Baina abuztu honek ez zuen gogorik inor albiste onekin aspertzeko. Mendebaldeak gerrak esportatu bazizkion Ekialde Hurbil osoari,  honek gerraren zipriztinak itzuli dizkio. Lehengaien –petrolioaren– kontrola segurtatuz inguru osoa katastrofe eremu bilakatzeko hautu estrategikoa, shock dotrina bortitza, ez zaio Europari dohainik aterako. Abuztuak oroitarazi digu, metropolian bertan sortutako jihadisten ekintza armatuekin baino are gehiago milaka etorkinen iritsierarekin. Mikel Garcia Idiakezek Argia honetan aurrerago azaltzen duen moduan, etorkinen iriste masiboenarekin egin du topo aurrez aurre Europak. Abisatuta geunden, lau milioi baino gehiago daudela itsasoa zeharkatzea deliberaturik Turkian, Libanon, Jordanian eta beste hainbatetan. Udan ikusi zaio neurria uholdeari. Uda aurretik Calaisko tuneleko anekdotekin agintari frantses eta ingelesak arituak ziren herritarrak despistatzen. Calaisekoa ez da arazoa, horretaz ere abisatuta geunden. Zientoka gutxi batzuk kamioiren baten bila Erresuma Batura iristeko, eguna joan eta eguna etorri... talde txiki hori batere ez da Mediterraneoan egosi den milioika gizon, emakume eta haurren exodoaren erdian. Azkenean ikusi da kazetariok Calaisekoaren erreportajeetan denbora galtzen ari ginen bitartean, urte erdian hirurehun mila iritsiak zirela Europako kostetara, Italiakora asko, baina askoz gehiago –kasik berrehun mila– Greziako uharteetara. Greziatik sartu den uholdeari begiratu: ez da itsasoan bat edo batzuk itotzearen konturik kasik aditzen, Turkiatik Greziaren uharte txikiren batera iristea kilometro gutxiko itsasaldiz egiten da, jendea etorri eta etorri...     Hortik Mazedoniara. Hemendik Serbiara, edo Hungariara ahal balute. Azken helmuga, Arrasateko unibertsitatean ingenieritza ikasi duten gure gazte askorena bezala... Alemania aberatsa. Eta hasi dira urduritzen eskuindar alemanak, 800.000 etorkin doazkiela. Iritsiko dira batzuk Euskal Herriraino ere. Ez ziren izango gure makina erreminta, tren eta autobusen salmentak globalizazioak ekarri behar zizkigun opari bakarrak.           Matxura munduko fabrika handian Txinako burtsen eztanda izan da aktualitatearen abuztuko bigarren oparia, mundu globalizatuko indar errealak gehiago urduriarazi dituena Mediterraneoko iheslarien eromenak baino. 2008tik ikusi gabeko muturrekoak ikusi ziren San Bartolome egunez –abuztuak 24– mundu osoko burtsetan. Aurreko hilabeteetan, XXI. mende hasierako krisitzarra gainditua zelako itxurak egiten ari ziren hedabideak eta agintariak.  Bat batean, egia gordina: 2008ko krisiak segitzen du lurrikara handien gisa errepikak eragiten. Txinakoa jo daiteke 2008koaren 3.0 bertsiotzat. Estreinako lurrikarak AEBak astindu zituen. Haren lehen oihartzuna Europan sentitzen ari gara oraindik, Grezia amildegiraino hondoratuta eta Italia, Portugal edo Espainia bezalakoak, baita Frantzia bera ere, hondamendi totalaren ertzeraino eramanez. Orain Txinatik errepika, aspaldiko galerarik handienak mundu osoko burtsetan... posible ote da horrelako kataklismoa Pekineko agintariek beren moneta hiru kolpe azkarretan %4an debaluatu izanagatik? Agian bai, mundu osoan jarduera ekonomikoa nahi baino ahulago dabilela ikusten ari diren indar handiak (inbertsio funtsak, finantza erakunde erraldoiak, fortuna itzelak…) kezkatzen hasi direlako Txinako produkzioa orain arte aitortu dena baino makalago ote dabilen. "Txinako agintariek ez dakite zer egin" irakurri zaie aditu bat baino gehiagori. Baina arrautzaren aurretik oiloa ere bazen. Uda honetan AEBetako agintariek iragarri dute udazkenean hasiko direla indargabetzen 2008tik ekonomiari arnasa emateko erabili dituzten pizgarriak. Larry Elliottek The Guardian en azaldu duenez, Mendebaldeko agintariek pizgarri bereziak erabili dituzte urteotan finantzak osasuntsu edukitzeko nahiz eta ekonomia erreala, produkzio eta salmenta, izugarri ahul egon. Dopaturik eduki dute gure ekonomia, narkotizaturik, txute pean, akro . Badakigu horrelakoetan gaixoak arindu lehen bera hartzeko gero eta dosi bortitzagoa eskatzen duela. Hain izan da eraginkorra finantza pizgarriek ekonomia kapitalistetan eragin "goraldia", ezen eta burtsetan burbuila berria antolatu den. Orain pizgarriak kendutakoan, dirua –dirutza handien jabeak, esan nahi da– hasi da non inbertitu bila eta horrelakoetan balio seguruena… herrialde gotor mendebaldarrren zorra izan ohi da, AEBena nagusiki. "Igo ditzagun pittin bat interes tasak eta dirua berriro bere paradisu naturalera bihurtuko da". 2008tik hona Txinaren zorpetze maila lau halakotu omen da. Londresko burtsaren indizea bikoiztu. Munduak ez du ikasi, antza, 2008ko kataklismotik, edo beste esplikazioa izan daiteke ortodoxia neoliberalari jarraituz labarrean behera doan bizikletaren pedalei eragitea beste aukerarik ez dagoela. Goazen, beraz, 2008ko krisiaren 3.0 bertsio honetan aurrera eta udazkeneko bozketa, kanpaina eta propaganden ostean, mundua XXI. mende hasierako krisitzarretik atera behar zuten BRIC herrialdeak –ai Brasil, Errusia, Txina eta enparauen ekonomia geldiezin haiek!– nor bere krisian murgiltzearekin batera Mendebalde aberatseko jende arruntak aurkituko dira behi argalezko zazpi urteotan ondo ikasi duten formularen hurrengo atalarekin: murrizketak a-tuti-plen . Horixe iragartzen du Greziaren agoniak. Mikis Theodorakis musikaria buru dutela hainbat pertsonalitate greziarrek zabaldu dute erresistentziarako deia, Troikaren planak kaltegarriagoak omen direla  naziek gerran egindako txikizioak berak baino. Aldiz, Europako ezkerraren itxaropena piztu zuen Alexis Tsiprasek ez du ikusten ezarri zaion ituna sinatzea beste biderik, herritarrentzako hondamendi handiagoa saihestearren. Paradoxikoki, etorkinen uholdean aurkitu dezake Tsiprasek Europarekin hobeto negoziatzeko karta.
news
argia-fab2271de942
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/arrosatik-gorrira.html
Arrosatik gorrira
Inma Errea
2015-09-06 00:00:00
Arrosatik gorrira Arrosa koloreko mundua, hori agintzen zaie neskei txikitatik. Tonu arrosetan blai datoz jostailu-iragarkiak, jantzi eta osagarriak, eskola-materialak...     Ez dut gogoan arrosa kolorea bereziki gustuko izatea haurtzaroan, ez nik, ez inguruko neskek, nahiz bagenituen neska gisa bereizten gintuzten ezaugarriak: parpailez eta loredun estanpatuez betetako soinekoak, printzesen ipuinak, ezkongaienak ziruditen jaunartze- jantziak...     Baina arrosak koska bat gorago egin zuen, eta, neska txikien kolore tradizionala izateari utzi gabe –mutiko txikien urdin argiari kontrajarrita–, emakume-kolorea bilakatu zen (andreak eta haurtxoak nahita pareko?). Orain, neskatila eta emakume askok arrosa biziki maite dute, eta mutiko askok biziki arbuiatu, neskatilen kolorea delako! Eta jende askok uste du jaiotzetikoak direla arrosarekiko zaletasuna eta gorrotoa.     Arrosa kolorea emakumezkotasunaren ikur nagusietako bat izaki, ez da bakarra. Neskatilak haztean, beste baliabide batzuk dituzte eskura emakume agertzeko: jantzi iradokitzaileak, orrazkera ezin zainduagoak, takoiak, makillajea... Azkenotan, industriaren saltzeko grinak mutilentzako ere asmatu ditu halakoak, baina, gauzak zer diren, beti bezain zorrotz bereizten ditu gizonen eta emakumeen estetikak. Emakumeak, emakume, eta gizonak, gizon. Eta aukera sexual desberdinaren bat dutenek ere estereotipo horietara beraietara jo behar, beren hobespenak aldarrikatuko badituzte: genero-rolek ez dute barkatzen.     Emakume askori, ordea, arrosa gorri bihurtzen zaie, beren odolaren gorriaz tindatzen zaie agindu zieten arrosa koloreko bizitza. Maiz, bizitza izateari utzi, eta heriotzarik beltzena bilakatzen zaie. Jende asko urduritzen da, entzuten duenean, arrosa koloreko lilurari tinko eutsita gizonen ikuspegia gizartean nagusi bihurtzen duen bereizketa sexistak bultzatzen duela genero-indarkeria. Jende askok –emakume zein gizon– gustuko ditu amets erromantikoak eta arrosaz margotutako errealitatea, ez die uko egin nahi halakoei, eta ez du ikusi nahi zer dagoen egiatan bortizkeria sexistaren atzean. Baina honezkero premiazkoa da: bortxaketa edo hilketa bat dagoen bakoitzean nola den posible galdetzen ibili ordez, gizarte honetako sexismoa desmuntatu behar dugu, attrezzo (arrosa) eta guzti, emakumeak arrosatik gorrira daramatzan bidea eteteko.
news
argia-d0272a64fba1
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/galiziar-mareak.html
Hau ez da Madrilen gertatu
David Lombao
2015-09-06 00:00:00
Hau ez da Madrilen gertatu Gerora "mareak" etiketa orokorrarekin izendatu diren udal hautagaitzek, oro har, arrakasta handia lortu zuten Galizian maiatzeko udal hauteskundeetan. Batez ere A Coruña probintziako hiru hiri nagusietan jo zuten kolpea, hiruretan alkatetza eskuratu baitzuten. Ezkerreko alderdiek eta herritar mugimendu ugarik olatu haren indarra baliatu nahi dute orain, Espainiako eta Galiziako hauteskundeetan formula errepikatzeko. Batasuna gauzatzea ez da hain erraza, ordea. 2012ko urtarrileko azken egunetan, politikoki antolatutako galiziarren zati esanguratsu bati eskemak hankaz gora jarri zitzaizkion, eta sektore bati bihotza erdiratu ere bai. Urteetako tentsio ugarien ostean, Amioko azokagunean (Compostelan) egindako BNGren nazio batzarrak hausturaren bidea ireki zuen alderdi soberanistan. Zatiketa handik oso gutxira gauzatu zen, Xosé Manuel Beiras buru zuen Encontro Irmandiño taldeak alde egin zuenean. Luze gabe bide beretik jo zuten beste talde eta militante batzuek. Okerra litzateke pentsatzea gertakari hura izan zela M24an ustekabeko emaitzak lortu zituzten marea izeneko udal hautagaitzen jatorria, baina maila bereko okerra litzateke ez konturatzea Bloque-ko zatiketa dela gertakari politiko horren abiapuntuetako bat. Mareek ezusteko galanta eman diote galiziar ekosistema politikoaren zati handi bati. Hainbat analisik hala iradoki duten arren, zaila da haiek azaltzea madrildar dinamika politikoaren erreprodukzio hutsa bailiran. BNGren hausturatik urte erdi besterik igaro ez zela, Xuntako presidente Alberto Núñez Feijóok 2013ko udaberrian egitekoak ziren hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen. Popularrak aitzinatze horren alde egitera eraman zuten faktoreen artean, oposizioa ia guztiz indargabetuta egotea zen nagusia: PSdeG-PSOEk aukeratzeke zuen hautagaia, eta BNGk guztiz burutu gabe zeukan Amion gertatutakoaren digestioa.     Bitartean, Bloque-tik aldendutako taldeak, eta haiengana hurbiltzen ari ziren pertsonak eta antolakundeak, irakinaldi betean zeuden. Novo Proxecto Común behin-behineko izena eman zitzaionaren zati bat Anova-Irmandade Nacionalista bihurtua zen, Beiras buru, eta beste talde txiki batzuk, banakako zenbait militanterekin batera, hasiak ziren Compromiso por Galicia zentro-ezkerreko alderdi gallegista martxan jartzen. Denek ekin zioten, arrapaladan, ustekabean deitutako hauteskundeetarako elkarguneak bilatzeari.     AGE izeneko kometa Testuinguru hartan jaio zen mareen beste ernamuinetako bat. Hainbat forotan segurutzat jotzen zen galiziar hautesleek hamarkada bat baino gehiagoz Parlamentua osatu zuten hiru alderdien –PP, PSOE eta BNG– eta Bloque-a utzia zutenen batasunaren artean aukeratu beharko zutela, baina orduan gidoia aldatzen hasi zen.   Munduko Foro Sozialean eta antzeko guneetan mugimendu altermundistarekin hainbat urtez harremanean eman ondoren, eta M15ean gertatutakoa eta haren eztanda uhina arretaz behatu ondoren, Beirasek eta haren inguruak areagotu egin zituzten eskuinaren aurkako "fronte zabala" osatzeko deiak. Fronte hartan, azaldu zutenez, ezker soberanistarentzat ez ezik lekua zegoen beste indar batzuentzat ere; esaterako, Esquerda Unidarentzat (EU). Azkenean, EUk Anovarekin bat egin zuen, eta Espazo Ecosocialistarekin eta Equorekin batera Alternativa Galega de Esquerda (AGE) sortu zuten. Anxo Lugilde kazetariak De Beiras a Podemos: A política galega nos tempos da troika (Beirasengandik Podemosera: galiziar politika troikaren aroan) saiakeran azaldu bezala, krisiaren eta murrizketa larrien urteetan pilatutako sumindura ezkerretik bideratzeko sortua zen hautes-tresna baten gidaritza hartu zuen buruzagi abertzale historikoak. Haren karisma, troikaren aginduei –kasu honetan Núñez Feijóorekin identifikaturik– amaiera emateko lelo nagusiarekin batera, nahikoa izan zen AGEk bozak jaso zitzan bai abertzaletasunetik, bai PSOEko sektore desengainatuetatik, bai eta Izquierda Unidak Galizian duen hautesleria txikitik ere. Hala, hilabete eskas batean, Beiras buru zuen koalizioak Parlamentuko hirugarren indar bilakatzea lortu zuen, bederatzi eserleku eskuratuz, BNGk baino bi gehiago. AGEren hauteskunde kanpaina oso bizia izan zen, ia eromenezkoa. Beiras, ordurako 80 urte betetzear zela, bigarren gaztealdi politiko betean zegoen, eta areto guztiak mukuru egotea lortzen zuen. Haren atzealdean, antolakunde jaioberriko kide askok bere buruari galdetzen zioten "zer gertatuko ote da", eta zein izango litzatekeen arrakastaren tamaina kanpainak pare bat aste gehiago iraun ahal balu. Pertsona haien artean zegoen kolaboratzaile anonimo bat, IUren inguruan zebilen Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea, Pablo Iglesias izenekoa. Urtebete geroago bere AGE abiarazi zuena: Podemos. Eta orduantxe iritsi zen Podemos Berak behin baino gehiagotan gogorarazi duenez, Iglesiasek ondo gogoan hartu zuen Galizian bizi izandakoa. EUko koordinatzaile Yolanda Díazen aholkulari jardun zuen Beirasen kanpaina hartan, eta bizipen hura Podemosen diseinuaren giltzarrietako bat izan zen. Galiziar laborategian, Iglesias jabetu egin zen haserrea bideratzeak emaitza onak zituela hauteskundeetan, eta horixe egin zuen 2014ko europar bozketan, bi urte lehenago Galizian AGEk jokatutako rol bera jokatuz. Galizian, Iglesiasen alderdiak boto asko atera zuen AGEk irekitako arrantzagunetik. AGE bera, berriz, hasita zegoen "politika zaharra" esaten zaionaren ajeetako batzuk jasaten. Esaterako, diputatu batek alde egitea eragin zuen barne liskar garratza. BNGren zatiketa bezala, gertakariok ez dira nahikoak, baina bai beharrezkoak, mareen sorrera ulertzeko. Marea Atlantikoa eta haren eztanda-uhina Europako hauteskundeetako lurrikararen ostean arnasa hartzeko ia astirik gabe, uztail erdialdean Marea Atlántica manifestua, hasiera batean 99 lagunek sinatutakoa, hasi zen han-hemenka agertzen A Coruñan.  "A Coruña %99ri itzultzeko jaio gara", esan zuten beren lehen ekitaldi publikoan. Han bildutako 300 lagun ingururen artean, ezkerreko indarretako eta indar abertzaleetako aurpegi ezagunak zeuden. "Batuketa prozesua da hau, eta ez buruzagitzen arteko elkarrizketa", azaldu zuten. Haien helburua hiri osoan sare bat ehuntzea zen, urtebete geroago, ziotenez, PPren aurka borrokatzeko bertako gobernua eskuratze aldera. Une hartan, popularrek gehiengo absolutua zuten bertan. Marea Atlantikoaren prozesua sektorekako hamaika bilera eginez eta auzokako "marea" gogotsuak sortuz zihoan aurrera, eta jakin-minez eta, zenbaitzuetan, inbidiaz begiratzen zioten Galiziako beste hiri batzuetatik, batez ere PPren agintepekoetatik . A Coruñako ispiluan begiratu zioten beren buruei, konparazio baterako, Santiagon Compostela Aberta plataforma bultzatzea erabaki zuten pertsonek. Antzeko zerbait gertatu zen Ourensen, eta Ourense en Común izan zen emaitza. Berdin beste hiri eta eskualde-buru batzuetan. Jaiotza horiek zalantzaz betetako itsasoan gertatu ziren; nagusietakoa, nolako harremana edukiko ote zuten mugimendu berriek BNGrekin, eta alderantziz.    Irakurketa bakarra, ezinezkoa Oso zaila da, edo besterik gabe ezinezkoa, mareen fenomenoa gertakari bakartzat aztertzea, haien errealitateak oso desberdinak baitira, ia hauteskundeetan lortutako emaitzak bezainbat. Marea Atlantikoan, adibidez, hasieratik parte hartu zuten abertzaletasunean eta soberanismoan ibilbide luzea zuten zenbait pertsonak, hala nola estatuko ezkerreko indar politikoetako (EU, Podemos) hainbat kidek, A Coruñako herri mugimendukoekin batera. Prozesua lasaia izan zen, hilabeteak iraun zituen, eta kontsentsuzko hautagaia buru zuen zerrenda izan zen emaitza: Xulio Ferreiro, magistratua eta zuzenbide irakaslea, oinarrizko mugimendu abertzaleetan eskarmentuduna, baina politikaren lehen lerroan aurrez sekula aritu gabekoa. Prozesua askoz azkarragoa izan bazen ere, antzera gertatu zen Compostela Abertan. Plataforma, edonola ere, ez zen guztiz abiatu Martiño Noriegak –Anovako bigarrena, 2007 eta 2011n Teoko alkate aukeratua BNGrekin– zerrendaburu izatea onartu zuen arte. Hala, aurreko hilabeteetan egindako lan politikoaren "traktore" bihurtu zen. Aldi berean, udal batzuetan bi 'marea' sortu ziren. Ferrolen, esaterako, Ferrol en Común izan zen batetik, batik bat AGE inguruko jendeak osatua Podemoseko batzuekin batera, eta marea Ártabra bestetik, Pablo Iglesiasen alderdiko kideak eta beste hainbat arlotakoak bildu zituena. Ourensen, berriz, hasiera batean A Coruñako eta Santiagoko prozesuen antza zuenak porrot egun zuen azkenik, barne hauteskundeak oso nahasiak suertatu baitziren eta kideen arteko gatazka bizia eragin baitzuten. Emaitzak Osagai horietatik abiatuta, M24an galiziar mareek A Coruñako hiru hirietan izan zuten arrakasta batez ere. Marea Atlantikoak, Compostela Abertak eta Ferrol en Comúnek alkatetza lortu zuten, lehenbiziko biek zerrendaburu soberanistekin; Ferroleko kasuan, aldiz, alkate berria, Jorge Suárez, EUko kidea da. Galiziako lurraldean osatutako 70en bat hautagaitzak jatorri desberdinekoak dira, batzuk BNGtik irtendakoen baturatik sortuak, beste batzuk Podemosen tokian tokiko bertsioak…       Testuinguru horretan, zaila da gertatutakoa Podemos fenomenoaren errepikapen hutsa bailitzan azaltzea –Galizian jazotakoa Iglesiasen alderdia sortu baino lehenagokoa da–, edo BNGren hausturaren ondorio hutsa bailitzan. Hurrengo Espainiako hauteskundeetan, eta batez ere, 2016ko Galiziakoetan jakingo da soberanismoaren eta ezker hausturazale eta federalistaren arteko nahastetik sortutako  espazio politiko berri bat sendotzen ari den, edo aliantza horiek udal gutxi batzuetako anekdota hutsean geratuko ote diren.     Galiziar Marea? Udal hauteskundeetan lortutako emaitza onak ikusita, ia berehala hasi ziren Marea Galega bat sortzeko aldarriak. Madrilgo Kongresurako hautagaitza izango litzateke, datorren urteko galiziar hauteskundeetarako proba-saio modura balioko lukeena. Batasunaren aldeko urrats politiko ugari izan dira, eta batzuk oso berritzaileak. Esaterako, BNGk bere siglei uko egin izana, "galiziar nazio hautagaitza" osatzea errazteko. Batasunaren aldeko manifestuak han-hemen zabaldu dira, eta PSOEtik ezkerrera dauden indar politikoen arteko hartu-emanak biderkatu egin dira, salbuespen bakarrarekin: BNGk eta Podemosek ez dute elkarrekin hitz egin.   Aldi berean, oinarrian herritarrek osatutako baina alderdien parte-hartzea ere baduten bi mugimendu –Encontro Cidadán por una Marea Galega eta Pola Unidade–, batasunezko hautagaitza baten aldeko lanean aritu dira. Hauteskundeetan emaitza ona lortuz gero, Madrilgo Gorteetan galiziar talde bat egotea ekar lezake horrek, historian lehen aldiz.   Prozesu bizi horretan parte hartzen ari diren eragileak ez dira ausartzen emaitza zein izango den iragartzera. Inork ez du aldez aurretik balizko batasuna baztertu nahi. Hala eta guztiz ere, batek baino gehiagok iragarri du Marea markak, azkenik, Anova, Podemos, udal hautagaitzetako kideak eta are Esquerda Unida bilduko dituela, eta beste alde batetik oinarri soberanistako hautagaitza bat sortuko dela, BNGren inguruan.
news
argia-b8e53737f1df
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/errefuxiatu-krisia.html
"Krisi humanitarioaz ari denean, Europak gehitu beharko luke betebehar legala ere baduela"
Mikel Garcia Idiakez
2015-09-06 00:00:00
"Krisi humanitarioaz ari denean, Europak gehitu beharko luke betebehar legala ere baduela" Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko gatazkek behartuta, milaka biztanlek ihes egiten dute lurralde seguruagoen bila, baina asiloa emateko garaian, errezeloz begiratzen ditu Europar Batasunak, dituen betebehar etiko eta legalei sarri muzin eginez. II. Mundu Gerraz geroztik bizi dugun exodo masiboenaz galdetu diogu Agustin Unzurrunzaga migrazioan aditu eta SOS Arrazakeriako kideari. Errefuxiatu kopuruagatik larrialdi egoera deklaratu du berriki Mazedoniak, ACNUR eta NBEren arabera, Europar Batasunera bidean aurten 180.000 errefuxiatu inguru iritsi dira Serbiara eta beste 265.000 Mediterraneoko kostaldera. Egungo egoerari dimentsioa emate aldera, zenbateraino da ezohikoa hau guztia? Krisi handi baten aurrean gaude. Baina Europaren joera da esatea krisi humanitario baten aurrean gaudela eta laguntza humanitarioa ematea dagokiola, eta horri gehitu beharko litzaioke betebehar legala ere baduela, Europak akordio ugari dituelako sinatuak eta onartuak nazioartean. Konpromisoak hartuak ditu Giza Eskubideen Deklarazioan, 1951ko Genevako akordioan… nazioarteko asilo eta babes sistemari lotuta, eta askotan ez ditu betetzen. Europar Batasunak Dublin II arautegia darabil, baina ez du asiloa emateko sistema baturik eta hori arazo potoloa da. Aspalditik salatu dugu Dublin II sistema, ez duelako jendearen borondatea errespetatzen: giza eskubideen aldarrikapenak dio norberak eskubidea duela asiloa non eskatu erabakitzeko, baina sistema bateraturik gabe, aipaturiko arautegiaren barruan errefuxiatuak asiloa eskatzen du iristen den herrialdean, eta adibidez Greziara iristen bada han geratu eta itxaron beharko du, jakinik administrazio kontuak urtetan luzatzen direla, eta herrialde bakoitzeko prozedurak oso ezberdinak direla epetan eta erabakitan (baiezkoa edo ezezkoa ebazteko orduan, esaterako). Egun, iristen denak ez du segurtasun juridikorik EB barruko herrialde guztietan berdin tratatua izango dela bermatzen dionik. Hain juxtu, Merkelek eta Hollandek politika bateratua aldarrikatu dute. Arduraz, errefuxiatuak birkokatzeko kuoten beharraz… ere mintzatu dira, baina joan den apirilean Mediterraneoan 1.400 migratzaile hil ostean gauza berdinak entzun genizkien agintariei, eta ondoren adostu zutena ordea mugen kontrola areagotzea eta pertsonen mugikortasunari trabak gehitzea izan zen; herrialde bakoitzak hartu beharreko pertsonen kuotak ezartzea ere ez zuten lortu azkenean. Bai, urteak daramatzate berdina errepikatzen. François Hollanderen 2009ko artikulu bat irakurri dut eta asilo sistema bateratua, segurtasun juridikoa eta abar eskatzen zituen, baina presidentetzara iritsi ostean ez du ezertxo ere egin. Horrelako krisi bat bizi behar izan dugu berriz ere urak astintzeko. Alemania aztoratu egin da jende gehienak bertan nahi duelako asiloa, eta kezkatuta daudenez badirudi Frantzia eta Alemania inplikatu egin direla eta aurrerapausoak eman daitezkeela. Krisiari erantzuteko nahikoa aurrerapauso? Ziurrenik motz geratuko dira, kontuan hartuta erabakiak hartzen hasi direla arazoak eztanda egin duenean, aldez aurretik neurriak hartu beharrean. Dublin II hankaz gora jarri eta sistema bateratuaren aldeko apustua egin beharko da, eta Europak nola funtzionatzen duen aintzat hartuta, bizpahiru urte iraungo ditu prozesuak. Erregistro zentroak sortzea nahi dute Merkelek eta Hollandek, "baldintzak betetzen ez dituztenak" euren jatorrizko herrialdeetara lehenbailehen itzultzeko. Bai, asiloa edo babesa behar dutenen eta gainerakoen artean bereizketa garbia egin nahi dute, eta bertako biztanleriaren zati baten aurrean ondo geratzeko diskurtsoa da hori, "babesa behar dutenak hartuko ditugu, gainerakoei egurra", baina praktikan sarri hori ez da batere erraza. Gerran dagoen leku batetik badator argiagoa da, baina miserian gelditu den alboko herrialderen batetik badator zer? Bidezkoa da bereizketa hori egitea? Ez. Jendeak emigratzen du jaioterrian gaizki dagoelako. Batzuetan gerra dagoelako, bestetan premia larrian delako, etorkizunik ez duelako… Faktore ugariren nahasketa izan ohi da eta bereizketa egitea antzua da, nahiz eta egia den legearen arabera nazioarteko asiloa egoera jakin baten barruan eskatu behar dela. Europako 26 estatutan batetik bestera libre mugitzeko askatasuna zehazten du Schengengo Hitzarmenak. Askatasun hori murriztea aipatu da eta halakorik ukatu egin du Europar Batasunak, baina ez dirudi mugitzeko askatasuna guztientzat berdina denik, muga batzuetan jartzen dituzten trabak ikusita. Bai, Bulgarian 14 kilometroko harresiak eraiki dituzte Turkiako mugan, Hungaria horretan ari da… Gauza bat da libre zirkulatzeko aldarrikapen orokorra, eta kapitalak eta merkantziak ez dute horretarako inongo arazorik, baina pertsonei trabak jartzen zaizkie, jaioterriaren arabera. Eta gainera, Europako Batzordeak esan arren Schengengo Hitzarmena ez dela ukituko, aldatzeko presioak daude, Sarkozyren hauteskunde programan, Fronte Nazionalaren eskaeretan, Europako eskuin muturraren aldarrikapenetan… Hitz egin dezagun egin beharko litzatekeenaz. Errefuxiatuak birkokatzeko kuotez asko hitz egin da. Nola inplikatu herrialdeak zeregin honetan? Jendea babestea da abiapuntua. Europako Batzordeak 40.000 lagun Europan berfinkatzeko jarri zituen irizpideak egokiak iruditzen zaizkit; horrekin batera, jendearen borondatea kontuan hartzea ere oso inportantea da. Jakina, 40.000ko kopurua izugarri motz geratzen da gaur egun, eta aurreko esperientzia ikusita, prozesua estatuen borondatearen esku lagatzen denean hauek ez dutenez jendea hartzeko inongo asmorik, birkokatzea betearazteko neurriak ere hartu beharko lirateke. Bidean (bereziki Mediterraneoan) heriotzak saihesteko baliabide gehiago jartzea eskatu dute, besteak beste, ACNUR edo Mugarik Gabeko Medikuek. Hala da. 2013an Italiak Mare Nostrum sistema jarri zuen martxan Mediterraneoan eta barkuek bizitza ugari salbatu zituzten, baina 2014an Mare Nostrum pikutara bidali eta Frontex segurtasun sistemaren baitan Triton jarri zuten indarrean: Tritonek baliabideen erdiarekin egiten du lan eta bere betebehar nagusia ez da bizitzak salbatzea, mugak babestea baizik. Diferentzia izugarria da eta hiltzen den jende kopuruan antzematen da hori. Europan sartzeko bide legalak irekitzea, bide alternatiboak eskaintzea ere aldarrikatu dute. Asiloa eskatzen da Europara iristean, zergatik ez eskatu aldez aurretik abiapuntuko herrialdean edo ingurukoan, Europako (edo europar estaturen bateko) enbaxadan? Hala, asiloa lortu eta bideak zabalduko lirateke Europara modu onean iristeko, lehenengo bizitza arriskuan jarri behar izan gabe. Askoren ustez, Afganistan, Irak, Siria, Libia, Yemen… bezalako herrialdeak egonkortzera baliabideak bideratu beharko lituzke Europak, jakinik hein batean Europaren esku-hartzearen ondorioa dela herrialde horietan bizi duten egoera. Europa ez da herrialde horietan dauden kontraesan guztien erantzule bakarra, baina egia da izugarrizko eragina izan duela Europaren jarrera praktikoak. Libiakoa izugarria izan da, aurretik Irakekoa… Mendebaldeak itxurazko demokraziaren teoria argudiatu zuen Iraken, Libian sartzeko berriz arrazoi humanitarioak eman zituen, baina Kadafi kendu eta estatua desegin ostean ez du inongo irtenbiderik eskaini, ez daki zer egin. Egindakoa desastre bat izan da eta gertaturikoan erantzukizuna dauka Europak. Horregatik, Sirian, Libian eta beste hainbat lekutan irtenbidea bilatzeko inplikatu egin beharko litzateke, nahiz eta konponbidea oso zaila den. AEBen erantzukizuna ere ez da samurra. Zein neurritan inplikatu beharko lirateke estatubatuarrak, errefuxiatuen krisiari erantzuteko orduan? Maila berean. Kontua da asilo eskatzaileentzat urrun geratzen direla AEBak. Dena den, Patrick Weil politikariak nazioarteko konferentzia bat proposatu du errefuxiatuen aferari irtenbidea aurkitzeko, ez bakarrik Europan, baita beste estatu batzuk inplikatuz ere, bereziki AEBak. Aurrekariei kasu eginez, zein izan ohi da errefuxiatuen joera, euren herrialdetako gatazka amaitu ondoren? Adibide bat jartzearren, Bosniako gerra garaian akordioa egin zuten Europan, jendea birkokatzeko, eta Euskal Herrian ere izan genituen ugari. Urte gutxira, gerra amaitu ostean, gehientsuenak bueltatu egin dira, apenas geratzen den inor hemen. Gerra luze joaten denetan, aurreko gizartea desegin egiten da, eta hainbatek ez du itzultzeko asmorik izaten, ez zaiolako jaioterrian ezer geratzen. 1936ko Gerran hemen emandako mugimenduak begiratzen baditugu, Irunen erreketeak sartu zirenean eta jendea Iparraldera joaten hasi zenean, handik urte batzuetara poliki-poliki etortzen hasi ziren batzuk, beste batzuk Frantzian, Mexikon edo Venezuelan geratu ziren, leku horretan bizitza egina zutelako. Frantziatik Ingalaterrara hainbatek muga zeharkatu nahi izan duela medio, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak immigrazio lege berria agindu du irailerako. Zenbait gobernu egoera baliatzen ari al dira, migratzaileen aurka legeak zorrozteko? Bai, argi eta garbi, eta herritarren aurrean gainera populismo merkea eginez. Arazoa betikoa da: eskuin muturraren eremuan sartzen banaiz, ni ere eskuin muturtzen naiz, eta hauteskundeetarako errentagarria izan litekeen arren, epe ertain eta luzera porrota izan ohi da. Frantzian ikusi dugu: Sarkozy Fronte Nazionalaren eremuan sartu zen, haien aldarrikapen batzuk bere eginez, baina azkenean espazio horretan Fronte Nazionala atera da garaile; epe luzera eskuin muturra da indartzen dena. Eta jakina, joko politikotik harago, legeak gogortzeak izugarrizko eragin ezkorra du atzerritar guztientzat, eta urte luzez. Migrazioaren kudeaketa onak onurak ekartzen dizkio gizarte hartzaileari? Bai, zalantza barik. Azken 200 urteotako migrazio prozesuak aztertzen baditugu, horiek hartu dituzten herrialdeentzat onuragarria izan da epe ertain-luzera. Ezinezkoa da New York, Holandako portuak, Bartzelona edo Bilbo migrazio barik irudikatzea. Une honetan, ia 1.000 milioi pertsona daude munduan migratzen, gehienak estatu barruetan (750 milioi); migrazioa beti egon da eta egongo da. "Eragin handia izan du Europaren jarrera praktikoak: Libiakoa izugarria izan da, aurretik Irakekoa… Egindakoa desastre bat izan da eta gertaturikoan erantzukizuna dauka. Horregatik, Sirian, Libian eta beste hainbat lekutan irtenbidea bilatzeko inplikatu egin beharko litzateke". (Argazkian, Agustin Unzurrunzaga)
news
argia-c5e635b36a55
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/txio-basatiak.html
Txio basatiak
Joxi Ubeda Goikoetxea
2015-09-06 00:00:00
Txio basatiak Xorinoak Kaloian Xorinoak Kaloian Autoekoizpena, 2015 Xoriñoak Kaloian Iruñeko talde gazteak lehen diskoa kaleratu du. Eneko, Mikel, Julen eta Iñaki taldekideak txikitatik dira lagunak. Xoriñoak Kaloian sortu aurretik, musikaren munduan, euskal folklorea eta beste hainbat bide jorratu zituzten, eta metalak batu ditu, metal kutsuko doinuak jotzeko elkartu dira. Xoriñoak kaloian XVIII. mendeko poema anonimoa da, zubereraz idatzia.   Gitarraren riff eta punteo bortitzak eta rock doinu gogorrak entzun daitezke haien kantuetan, erritmo biziak eta astunak. Indar handiz jotzen eta kantatzen dute, beren musika tresnak oso ongi erabiltzen dituzte eta kantuen leloak ongi zaintzen dituzte. Hitzetan, kritika eta salaketa ere gordin egiten dute, txorakeriarik gabe. Hainbat gai dituzte hizpide. Besteak beste: musikaren industria, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea, duintasuna, zapalkuntza, justizia eza, agintariak, boterea eta esnatzeko eta altxatzeko beharra. Kantuak entzunez gero, besteak beste, Black Sabbath talde mitikoa eta 90eko hamarkadako talde batzuk atsegin dituztela sumatzen da. Doinu gogorrak eta astunak jotzen dituzten zenbait talde, eta beste batzuk ere bai: Rage Against The Machine, Pantera, Slipknot, Limp Bizkit, Korn, Dut, Negu Gorriak eta Berri Txarrak taldearen lehen diskoak. Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan grabatu dute diskoa, Aitor Ariño teknikariarekin. Denak batera joz, eta hori nabari da kantuak entzutean, doinu trinkoa ederki gauzatu baitute, doinu gordina, basatia eta potoloa. Xoriñoak Kaloian taldeko kideek beraiek sortu dituzte diskoko zortzi kantuen musika eta hitzak, Gisbertaren Balada eta Teknokratak eta Langileak kantuen hitzak izan ezik. Gisbertaren Balada poema originala portugesez idatzi zuen Pedro Abrunhosak eta euskarazko itzulpena Joxemari Sestorainek egin du, Txantreako Euskaldunon Biltoki elkarteak osatutako Hitza bide, bizia xede (Pamiela, 2012) bildumarako. Teknokratak eta Langileak berriz, Hedoi Etxartek idatzitako Sinplistak (Susa, 2012) poema liburutik hartu dute. Ez dute ezer berririk asmatu, baina haize berri bat ekarri dute doinu gogorren eta astunen mundura. Egia esan, euskaraz kantatzen duten mota horretako talde asko ez daude. Musikari gazteak dira eta ilusio, kemen eta grina handiz ari dira. Beren egitasmoan sinesten dute, eta kantuak sortzen jarraitzeko eta jendaurreko emanaldiak egiteko gogotsu daude, kaiolatik ihes egin nahi duten txoriak bezala. n   Joxi UbedaXoriñoak Kaloian Iruñeko talde gazteak lehen diskoa kaleratu du. Eneko, Mikel, Julen eta Iñaki taldekideak txikitatik dira lagunak. Xoriñoak Kaloian sortu aurretik, musikaren munduan, euskal folklorea eta beste hainbat bide jorratu zituzten, eta metalak batu ditu, metal kutsuko doinuak jotzeko elkartu dira. Xoriñoak kaloian XVIII. mendeko poema anonimoa da, zubereraz idatzia.   Xoriñoak Kaloian Iruñeko talde gazteak lehen diskoa kaleratu du. Eneko, Mikel, Julen eta Iñaki taldekideak txikitatik dira lagunak. Xoriñoak Kaloian sortu aurretik, musikaren munduan, euskal folklorea eta beste hainbat bide jorratu zituzten, eta metalak batu ditu, metal kutsuko doinuak jotzeko elkartu dira. Xoriñoak kaloian XVIII. mendeko poema anonimoa da, zubereraz idatzia.     Gitarraren riff eta punteo bortitzak eta rock doinu gogorrak entzun daitezke haien kantuetan, erritmo biziak eta astunak. Indar handiz jotzen eta kantatzen dute, beren musika tresnak oso ongi erabiltzen dituzte eta kantuen leloak ongi zaintzen dituzte.   Hitzetan, kritika eta salaketa ere gordin egiten dute, txorakeriarik gabe. Hainbat gai dituzte hizpide. Besteak beste: musikaren industria, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea, duintasuna, zapalkuntza, justizia eza, agintariak, boterea eta esnatzeko eta altxatzeko beharra. Kantuak entzunez gero, besteak beste, Black Sabbath talde mitikoa eta 90eko hamarkadako talde batzuk atsegin dituztela sumatzen da. Doinu gogorrak eta astunak jotzen dituzten zenbait talde, eta beste batzuk ere bai: Rage Against The Machine, Pantera, Slipknot, Limp Bizkit, Korn, Dut, Negu Gorriak eta Berri Txarrak taldearen lehen diskoak.   Berrizko (Bizkaia) Lorentzo Records estudioan grabatu dute diskoa, Aitor Ariño teknikariarekin. Denak batera joz, eta hori nabari da kantuak entzutean, doinu trinkoa ederki gauzatu baitute, doinu gordina, basatia eta potoloa.   Xoriñoak Kaloian taldeko kideek beraiek sortu dituzte diskoko zortzi kantuen musika eta hitzak, Gisbertaren Balada eta Teknokratak eta Langileak kantuen hitzak izan ezik. Gisbertaren Balada poema originala portugesez idatzi zuen Pedro Abrunhosak eta euskarazko itzulpena Joxemari Sestorainek egin du, Txantreako Euskaldunon Biltoki elkarteak osatutako Hitza bide, bizia xede (Pamiela, 2012) bildumarako. Teknokratak eta Langileak berriz, Hedoi Etxartek idatzitako Sinplistak (Susa, 2012) poema liburutik hartu dute.   Ez dute ezer berririk asmatu, baina haize berri bat ekarri dute doinu gogorren eta astunen mundura. Egia esan, euskaraz kantatzen duten mota horretako talde asko ez daude.   Musikari gazteak dira eta ilusio, kemen eta grina handiz ari dira. Beren egitasmoan sinesten dute, eta kantuak sortzen jarraitzeko eta jendaurreko emanaldiak egiteko gogotsu daude, kaiolatik ihes egin nahi duten txoriak bezala.
news
argia-5f4e3a9417e3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/jann-marc-rouillan.html
"Denok gaude baldintzapeko askatasunean, baina nik badakit"
Sustrai Colina
2015-09-06 00:00:00
"Denok gaude baldintzapeko askatasunean, baina nik badakit" "Avanti o popolo, alla riscossa: bandiera rossa, bandiera rossa..." 1968ko maiatza, 16 urte... Lehen manifestaldiak, poliziarekin lehen kalapitak... Ikastetxeko lagunekin pop ingelesa jotzen zuen talde bateko kide izatetik talde politiko bateko kide izatera pasa nintzen. Sozial-iraultzailea nuen aita, komunista ama, eskualdeko alderdi komunistaren lehen kideetako bat aitatxi, baina praktika eta ekintza politikoa 1968ko maiatzak eman zizkidan. Tolosan nengoen, gorrien hiriburuan, Espaniako gerra zibileko errefuxiatuz inguraturik, eta berehala sartu nintzen legez kanpo jarduteko beldurrik ez zuen antolakunde anarko bezain egituratu batean. Espainiako iraultzan, II. Mundu Gerrako erresistentzian, eta makietan ibilitako jendearekin nenbilenez, naturala zen armen erabilera. Politikoki hezi ninduten kideak izan ziren ETA lehen aldiz masiboki armatzen lagundu zutenak. Hala, Burgoseko epaiketa denboran, Baionara bidali ninduten ETAri laguntza logistikoa ematera. ETA V.ekoekin bazkaldu eta ETA VI.ekoekin afaltzen nuen. Eszisio garaietako bitxikeriak. Handik gutxira ezagutu nuen Oriol Solé, eta ohartzerako Bartzelonan nengoen. Tolosa, Baiona, Bartzelona... Hain sinple, hain natural? Tolosan bizi eta, Espainiako Estatutik etorritako errefuxiatuak baizik ez zenituenean inguruan, armen hautua berezkoa zen. Maoistek armak hartuko zituztela aldarrikatzen zuten bitartean, guk solairuetan genituen leherkari eta fusilak. Horiek hartu eta muga igarotzea naturala zen guretzat. Borroka bera zen Donostiara armak pasa edo Bartzelonan pistola soinean ibiltzea. Dena zen bizimodu zoragarri, liluragarri eta zoriontsu baten parte. 1974an, Puig Antichen exekuzioaren ostean, atxilotu ninduten Parisen, 1977an geratu nintzen aske, baina kartzelatik atera eta biharamunean ekin nion berriz borrokari. Ordurako nire antolakundea ez zen existitzen, baina trantsizioaren traizioaren aurka ari zen jende asko ezagutu nuen espetxean. Autonomoen borrokan inplikaturik, berehala nintzen Bartzelonan eta Madrilen. Aski fite, alta, errezeloak sortu zitzaizkidan euren borroka moldeekiko, hurbilago sentitzen nintzen autonomo italiarrengandik, eta Milanera jo nuen. Hala, Frantziako eta Italiako mugimenduen arteko lotura ziurtatu nuen zenbait urtez.   Action Directe sortu arte? Autonomiaren baitan, erasotzen edo armak pasatzen zituzten talde politiko militar guztien koordinakunde bat genuen, eta Action Directe sortzea, koordinakundeari izena aldatzea baizik ez zen izan. Parisen autonomiaren mugimendua zapartatzen ari zen, siderurgiaren aldeko ofentsiba eta borrokak pitzatzen, autonomiaren gaineko boterea nahi zuen jendeak, eta borroka armatuaren premia azkarra izaki, aitzina jo genuen. Alabaina, sasoi horri buruz ezin naiz sobera mintzatu, epaileek galarazten didate. Frantziak arazo izugarria baitu bere memoriarekin. Badakite memoria gudazelai bat dela eta memoriaren eta presoen desagerraraztearekin lotzen dute. Historian zehar, Frantziak fite ulertu du etsitzen ez zuten presoak kalitu behar zirela. Ikusi besterik ez dago Indotxina edo Aljerian praktikatu eta Argentinara zein Uruguaira esportatu zuten izuaren eskola. Gerra leku guztietan jendea hilobi komunetan lurperatzen zuten bitartean, Frantziak itsasora botatzen zituen bere etsaien hilotzak. Bitxia da, sasian nintzenean nire argazkia denetan ezartzen zuten eta orain ez dute inon ikusi nahi. Zer da sasian bizitzea? Ez da jendeak uste duena, ez da 24 orduz arma soinean eramatea. Denboraren %90 apartamentu batean zaude, edozeinek egiten dituen arrunkeriak egiten dituzu, zure pozak eta penak kudeatzen saiatzen zara... Ez zaude egunerokotik salbu. Gero, egia da goizean etxetik ateratzen zarelarik ez dakizula gauean itzuliko zaren. Ez dakizu etxez aldatu beharko duzun, atxilotuko zaituzten, erail... Lehen lerroan urteak irauteko mugikortasun eta indar psikologiko itzelak behar dira. Zure politizazioaz eta zure borrokaren helburu zein arrazoiez ziur egoteak baizik ez dizute ezegonkortasun hori eramaten irakasten. Zertan ari zaren garbi baduzu errepresioaren gorabehera guztiei egiten diezu aurre. Borroka iraultzailean, inperialismo eta burgesiari armekin aurka egitea deliberatzen baduzu, ezin duzu "ez da erabat nire hautua" pentsatu. Aitzina jotzen duzun unetik ardura kolektibo guztiak egiten dituzu zeure. Horregatik, borroka, sasia barne, poz izugarria da niretzat, mundu hiltzaile batetik askatu eta esperantzaz betetako talaia batean kokatzeko parada. Borroka armatua dudaz edo gaizki bizi duen militante batek ospa egin behar du, dena bertan behera utzi. Borroka armatua ez baituzu derrigortuta egiten. ETAkide damutuak borroka armatura behartu zituztela kexatzen entzuten ditudanero ez dut jakiten irri edo negar egin. Mugimendu armatu batek badaki ezin duela bere militante bat ezertara behartu. Badaki bere kideen politizazio eta arduraren baitan datzala bere arrakasta. Borroka armatua beti da kolektiboa, beti oinarritzen da ondokoarekiko konfiantzan, eta norbaitek "nik hau egin dut" esaten didanero jokoz kanpo geratzen da. Estatuarentzat jokoz kanpo geratzearen definizioa atxilotu eta zazpi urte eta erdiko erabateko isolamendua inposatzea da? Ni hala atxiki ninduten. Hor sentitzen duzu determinazio eta ardura politikoaren indarraren garrantzia. Ezin duzu behera egin, ez daukazu eskubiderik. 24 orduko etengabeko aurrez aurreko hil ala biziko gatazkan zaude, dena egiten dute zuk etsitzeko, eta egin behar duzun bakarra ez etsitzea da. Hori da sekula ahantzi behar ez duzun bakarra. Baina zure kideak gaixotu direla edo senetik ateratzen hasita daudela iristen zaizu, solasa galtzen ari zarela ohartzen zara... Ez nintzen gehiago mintzatzeko gai, ahantzi nuen. Zure eguneko hitz bakarra funtzionarioari luzatutako agurra denean, buruan daukazun ideia eta adierazteko bidearen arteko erabateko deskonexiora iristen zara. Hasterako bukatzen nuen esaldia, eta jakina, ez zidan inork zipitzik ulertzen. Egunean pare bat orduz boz goran irakurtzen hasi nintzen, hitza ez galdu eta ahal izatera berreskuratzea zen borroka. Badakite urtebetez, bi urtez, hiru urtez eutsiko diozula, baina hutsune eta gabeziak azaleratuko zaizkizula. Hor mantendu behar da burua hotz. Estatuak demokrazian baino askoz aurreratuagoak daude torturan. Bukatu da azkazalak eraisten zizkizuten aroa, askoz muinerago jotzen dute orain. Zer dago espetxeko harresien gibelean? Jendartearen okerrenaren sublimazioa: erailketa, tortura, eta batez ere zaintzaileek gorpuzten duten jendeen miseria. Horri aurre egiteko erresistentzia antolatzen denean, alta, kanpoan ezinezkoak diren elkartasun sare humanoak ehuntzen dira. Hori da preso politikoon arma indartsuenetakoa. Hori bai, dena egingo dute ofizialki ez dadin preso politikorik egon. Lehenik, goizetik gauera preso politikoaren figura deuseztatzen zuen dekretua onartu zuten: "Besteak bezalako preso bat zara, baina lasai, beste kupel bateko sagardoa daukagu zuretzat". Ideologikoki oso garrantzitsua da beraientzat demokraziarekiko erresistentzia oro despolitizatzea, bestelako mundu bat amesten dugunok piztiak edo buru-gaixoak legez agertzea. Jende isolatu, zurrun, karratu, hotz eta errorik gabea garela diote, ez garela sekula maitemintzen, ez dugula afektibotasunik... Zergatik deitzen zioten Idoia Lopez Riañori " Tigresa "? Euren iruditerian, furiak baizik ez dezakeelako emakume bat borroka armatura eraman. Idoiaren engaiamendu politikoaren atzean ez zegoela konbikziorik agertu nahi zuten, emakume biziki gaizto baten patua baizik ez zela. Aldi berean, zer gertatzen da biziaren sakralizazioaren inguruko diskurtsoarekin? Pestizidak, amiantoa, gerrak edo langileen esklabotza nahieran erabiltzen dituztenei betetzen zaie sermoi horrekin ahoa! Hiltzaile industrialak dira, eta guk inoiz inor hil badugu, artisauen gisan izan da. Horregatik diot ez ginela kartzelara gaizkile sartu, egin dugunaren ardura bizkarrean daramagula, eta kartzelan borrokak jarraitzen duela. Gaizkile fabrika horretan lekukotza hartu nuen borroka-moldetzat. Idaztea nire borroka politikoaren jarraipena da, literatura beti baita borroka errealitate baten lekukotza.     Ez zaizu zer idatzirik faltako. Ez pentsa. Borroka errealitate horren faltan ez dut nire burua idazteko gai ikusten. Kartzelan askoz errazagoa zitzaidan idaztea, idazten nuenean borrokan ari nintzen. Katalunian edo Venezuelan banengo luma aiseago dantzatuko nuke, baina pentze hauei begira... Borrokatzen ez dudanean opresioa nabarmenagoa da nigan. Borrokan ari naizenean askoz kontzienteagoa naiz  pertsonak inolako autonomiarik ez duen jendarte tirano batean bizi garela. Ezin zara arrastotik atera, jaiotzetik heriotzara zure bizimodua bideratuta dago. Azken 25 urteotan Frantzia hiper-erreakzionario bihurtu da. Europan zein Troikan herriak aukeratu gabeko agintariak dira nagusi, eta oker ez banago, faxismoa da hori. Syrizakoak preso politiko eta kartzelekin zer egin behar zuten galdezka etorri zitzaizkidanean, ezker-muturreko indar batek amnistia aldarrikatu behar lukeela iradoki nien. Ezin zutela, NATOren eta Europar Batasunaren bi testuk preso politikoen amnistia debekatzen zutela erantzun zidaten. Amerikako Estatu Batuen babesa berme, Ingalaterra izan da IRA-ko presoekin horri aurre egin dion bakarra. Sistemak ez du kontra egin dion jendea berriz politizatu nahi. Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? Irteera kolektiboak ukatu eta epe luzera begirako banakakoak baizik ez daudela mahai gainean. Zer da hori borroka bat despolitizatzea ez bada?   Zer idatziko zenuke barkamenaz, damuaz, kondenaz? Preso politikoei egiten zaizkien etengabeko xantaia tipikoak direla. Espetxeratu eta 18 hilabetera hurbildu zitzaizkigun egindako guztiari bizkar ematen zion testu politiko bat idatziz gero kalera gindoazela esanez. Horrela izan da kartzelaldiak iraun duen mende laurdenean. Hori da sistemak preso politikoentzat duen programa. Onartzen duzu ala ez. Lizarra-Garazi garaian, 700 preso kolpez ateraz gero Euskal Herriko indar harremana errotik aldatzen zela esaten nien euskaldunei, presoak armekin trukatu arren bururaino jokatu beharreko karta zela. Egun, aldiz, ez dut ulertzen nola euskal eragileek ez duten preso politikoen ardatz eta altxor politikoa gehiago baloratzen. Ez dut uste euskal presoak soilik erakunde baten presoak direnik, mundua aldatu nahi dugunon presoak ere badira. Horregatik, askatzeko oso kanpaina oldarkorrak egin behar genituzke, agintari eta buruzagiak interpelatu, kalea hartu... Uneotan, alta, ez dut ikusten gaiarekiko ildo koherente eta definiturik. Hainbeste preso edukita, nola ez da izango presoena zure askapen mugimenduaren funtsetako bat? IRA-rentzat ezinezkoa zatekeen borroka uztea presoak askatu ezean. Zuri hirugarren gradua eman zizuten lehenik, baina elkarrizketa batean esandakoengatik preso sartu zintuzten berriz, eta baldintzapeko askatasunean zaude egun. Hirugarren gradua paradoxa handi bat da. Oso zaila da kartzelatik ateratzea kartzelan lo egin behar duzunean. Eskizofrenikoa da bizitza bat kartzelatik nola ihes egin pentsatzen pasa eta gauero kartzelako atean zeure kabuz tinbrea jo behar izatea. Nahiago dut eskumuturreko elektronikoa jantzi ziegan egon baino, baina kondena luzatzeko modu bat da, zu kontrolpean luzaroago mantentzeko zirrikitua. Hala, elkarrizketa batean borroka armatua prozesu iraultzailearen fase bat zela aldarrikatu nuen, askapen metodo gisa gaindiezina zela, armarik gabe ez zela muturreko iraultzarik egongo. Syriza edo Podemosek garbi uzten dute burgesiaren erabateko erradikaziorik gabe ezinezkoa dela gutxieneko erreformak burutzea. Proposatzen dutena kapitalismoaren kudeaketa humanoagoa da, ez zapaldutako eta ustiatutako masen eguneroko bizitzaren eraldaketa. Horregatik, ez dago atxilotze arriskurik gabeko iraultzarik. Denok gaude baldintzapeko askatasunean, baina nik badakit.
news
argia-a1ebde64202f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/lehorretik-2.html
Lehorretik
Edu Zelaieta Anta
2015-09-06 00:00:00
Lehorretik Lehorretik ari da begiralea, haurrek igerian ikas dezaten. Igerian irakasteko metodo bitxia. Busti gabe. Pedagogia ezaguna dugu, edonola ere: egizu nik esaten dudana, ez egiten dudana. Historikoki apez frankok praktikatu izan dute halako ikasbidea, bai eta (bestelako) agintari batzuek ere, bereziki botere-gune nagusien inguruan aritu direnek. Lehorrean egin du saio guztia begiraleak, mahuka motzeko kamiseta bat jantzia duela. Eta hala jardun du egunero, ikastaroa bukatu arte. Busti gabe, instrukzioak eta aginduak ematen ozenki, tarteka zakar antzean, soinean daraman kamiseta bereizgarri: bainujantzian ez dagoen pertsona bakarra bera da. Gogoan hartu, baina, ez dela bereizgarri bakarra: igeri egiten ez duen bakarra igerian irakasten duen begiralea da. Lehor hasi, lehor jardun, lehor bukatu. Lehorretik abiatu da ikasturte berria, Kataluniako hauteskundeak atarian daudela. Izan ere, Madrilen, igeriketa ikastaroan bezala, lehorraren legea da nagusi. Ikuskizun dago orain zein jarrera hartuko duten ur mugituetan sartuko diren boto-emaileek, eta nori eginen dioten kasu ez itotzeko.
news
argia-b60a5ee5d766
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/argi-itzalak-2.html
Argi-itzalak
Joxe Iriarte, Bikila
2015-09-06 00:00:00
Argi-itzalak Uztailean bete behar izan banu orri hau, ezbairik gabe, Greziak bizi duen egoera deskribatzera mugatuko nintzakeen. Irailean balitz, agian, tragedia guztietako iheslarien hilobia bihurtu zaigun Mediterraneoari buruz idatziko nuke. Alabaina, abuztuan, nire gogoa Pirinioetako gailurretatik ezin jaitsiz dabil, eta altura horietan, ezin naiz zentratu gai bakar batean. Esate baterako, begiak Grezian jartzen ditudanean, erreferendumaren osteko giro epikoa tragedia bihurtu izanak penatzen nau. Eta penagarria bada Grezian gertatutakoa, penagarriagoa, da ezker europarraren (eta gu horren parte gara) portaera: moralki solidarioa eta praktikoki alferrikakoa, lelotua, desmobilizatua, ezin ulertuzkoa da Greziako bataila. Espainiako Estatuan 1936koa bezala, dimentsio europarra eta historikoa duela. Gurean, intentzio oneko lagun batzuen ezkerraren batasunaren aldeko aldarriak eman zidan pozak zer gutxi iraun duen zapuzten nau. Gaur gaurkoz ez omen daude sustraiak eta ondorengo zutabeak finkatuak. Noiz ohartuko gara ezker eraldatzailearen batasuna inoiz baino garrantzitsuago dugula? Azken hauteskundeetan EH Bilduk Gipuzkoan izan duen atzerakada esplikatzeko, gauza batzuetan azkarregi joan omen garela azpimarratu egin da. Pedagogia kontua bada, ados. Baina aldi berean argi eta garbi adierazi behar da, gauza gehienetan motelegi goazela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko erabakiak hartzerakoan, esate baterako, Euskal Herria dugu biztanleriaren bataz besteko karbono dioxidoaren sortzaile handienetakoak. Arazo horri aurre egiteko, Barack Obama behingoz prest omen dago karbono dioxidoa eragiten duten energia motak gutxitzeko, baina indar faktiko guztiak (sektore horren lobbiak) aurka azaldu zaizkio. Ezer gutxi, zoritxarrez. Arre (kapitalismoa sostengatu) eta so (energia kutsatzaileei aurre egitea) alde berean, ezinezkoa baita. Izan ere, Naomi Kleinek dioen bezala, aldaketa klimatikoaren errudun nagusia ez da karbono dioxido kopurua –hori ondorioa da– sistema kapitalista baizik. Eta ez dut zalantzarik bere kabuz ez duela aldatuko mundua amildegira daramatzan norabidea. Eta guzti horren kontra egiteko beranduegi, agian ez, baina bai atzeratuegi gabiltzala ezkerraren birmoldaketan eta indar metaketan, bai gurean zein Europa osoan: "Denok hala inor ez, bakarka ezin da".
news
argia-93e275f9f5d3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/dona-sebastiana.html
Do�a Sebastiana
June Fern�ndez
2015-09-06 00:00:00
Do�a Sebastiana Doña Sebastianak 63 urte ditu eta Chichicastenangoko (Guatemala) herrixka batean bizi da. Ez du irakurtzen ez eta idazten ikasi ere, baina lan ugari egiten ditu: medikua, psikologoa, abokatua... Emakumeak defendatzea da bere eginbehar eta bokazio nagusia. Bizitza gogorra izan du, berak dioenez, izugarri pairatu behar izan du gaur egun indarkeria bizi duten emakumeen egoera ulertzeko, eta hala, laguntza egokia eman ahal izateko. Hamabi urte zituela bere amak mutil batekin ezkontzera behartu zuen. Mutil hori ere behartuta sentitu zen, eta bere haserrea Sebastiana jipoitzen eta umiliatzen bideratu zuen. Hamar urtez bere ama ikustea debekatu zion. Sebastianak hamabi aldiz erditu zuen baina sei haur txiki hil zitzaizkion. Erditu eta hurrengo egunean ere jipoitzen zuen senarrak, edozein aitzakia erabiliz. Edoskitzean haurtxoek beren amaren samina eta haserrea edaten zuten, eta horregatik hiltzen zirela uste du Doña Sebastianak. Orduan senarrak are eta gehiago jipoitzen zuen: ezertarako balio ez zuelakoan, ezta bere haurren biziraupena bermatzeko ere. Emakume taldeetan parte hartzeak bizitza aldatu zion. Han ikasi zuen emakumeek eskubideak dituztela, errespetua merezi dutela. Aktibismoak adorea eman zion bere senarrari aurre egiteko eta beste emakumeak laguntzeko. Bere komunitateko lideresa da egun. Bizirauteko ehuntze eta artisau lanak egiten ditu, baina bere alaben laguntzari esker, emakumeekin egoteko denbora ateratzen du. Emakumeen istorioak entzuten ditu, laguntza emozionala ematen die eta aholkularitza ere. Emakumea jipoitua izan denean Doña Sebastianak erruda usaindun edo bortusai landarea erabiltzen du beldurra eta haserrea baretzeko. Batzuetan senarrekin bitartekaritza lanak egiten ditu. Gizonak ez badu ulertzen tratu txarrak onartezinak direla, hurrengo pausoa epaitegietara jotzea da. Emakumeek ez dute abokatu bat ordaintzeko dirurik, orduan Doña Sebastiana da Giza Eskubideen Gortean doako defentsa eskatzen duena. Chichicastenangon askok maite dute Doña Sebastiana, baina bere lanak gorrotoak ere pizten ditu. Berak aspaldi beldurra galdu zuen eta bidegabekeria guztiak salatzen ditu, baita politikarien ustelkeria ere. Hori dela eta, herriko gizon boteretsuek Sebastiana lintxatuko duten mehatxua zabaldu dute.   Erraza liteke Doña Sebastianaren edo Guatemalako beste lideres en istorioak entzun eta erruki sentitzea. Baina eurek ez dute beren burua biktimak bezala aurkezten, bizirik atera diren sobrevivientes bezala baizik. Hori da Ameriketako feministek nahiago duten kontzeptua. Gure artean, ordea, ez da ez hori ezta lideresa kontzeptua erabiltzen. Gure artean indarkeria matxista bizi duten emakumeen biktimizazioa nabaritzen da eta salaketa judizialak dirudi irtenbide bakarra. Arlo instituzionalean aurrera pauso ugari eman dira, baina arlo komunitarioan oso gutxi. Biktimak (izen hori erabiltzen dugu) gizarte zerbitzuen, terapia taldeen edota zerbitzu juridikoen erabiltzaile soilak dira. Guatemalako hainbat erakundek komunitateetan rol nabarmena daukaten emakumeei prestakuntza ematen diete, euren auzoetan erreferente bilakatu daitezen eta tratu txar edo diskriminazio egoerak identifikatu eta bideratzeko gai izan daitezen. Lan hori eurentzat terapeutikoa ere bada: pertsona indartsuak eta baliogarriak sentitzen dira. Esan bezala, erraza liteke: "Gizajoak!" pentsatzea. Baina errukia sentitu ordez, euskaldunok badaukagu euren esperientzietatik zer ikasi eta horrela, bide batez, kolonialismoak eragin duen botere harremana apur bat irauli.
news
argia-a9bae0c93fad
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2473/gure-genealogia-feministak-liburua.html
Feminismoaz irakurtzen, euskalgintzako betaurrekoak jantzita
Txerra Rodriguez
2015-09-06 00:00:00
Feminismoaz irakurtzen, euskalgintzako betaurrekoak jantzita Gure genealogia feministak liburu mardula irakurri berri dut. Baina ezin liburua irakurri jantzita daramatzadan euskalgintzako betaurrekoak erantzi gabe, ezin irakurri behin eta berriro feminismoaren eta euskalgintzaren artean loturak (eta desloturak) egin gabe, ezin irakurri behin baino gehiagotan inbidia latza sentitu gabe. Miren Arangurenek, Edurne Epeldek eta Iratxe Retolazak ondu dute liburua. Euskal feminismoaren barrunbeetan, zoko-mokoetan, eztabaidetan eta jardunbideetan kukutxo bat egiteko bidea errazten du. Eta beste mugimendu batzuekin estekatzeak egiteko.      Gurean talde feministetan hasitako asko amorruak eraginda hurreratu ziren haietara, egunero nozitzen zuten zapalketari nolabaiteko erantzuna emateko asmoz. Behin hasita, ordea, militantziarekin bat formatuz joan ziren gazte horiek: diskurtsoak landu, antzeko bizipenak dituztenekin konpartitu, teoria eta praktika berriak ikasi… Esate baterako, Bilboko Santutxu auzoko Iduna elkarteko kide batek honakoa esaten du liburuan: "Auzoan lan egiteko grina piztu zitzaidan, nik beti argi izan dut feminista nintzela. Inguruan nituen jarrera matxistak, txikitatik diskriminazioa pairatu dut, hau barruan eraman izan dut. Garai hartan, hala ere, ez genuen gaiaren inguruko teorizaziorik, baizik eta amorrua genuen, zerbait egin nahi genuen".      Euskalgintzan, ordea, nago barne dinamikari ez zaiola behar besteko garrantzia eman. Gurean aktibismo asko egon da (dago!), baina hausnarketa, diskurtsoa, barne bisio, sentimendu partekatze, bizipen partekatze txikiegia akaso. Zerk bultzatu gintuen euskalgintzan aritzera? Norekin konpartitu ditugu sentimen edo bizipen horiek? Zer sentitzen dugu egunerokoan euskaldun arituz? Zer sentitzea gurako genuke?      Ni ez naiz ibili emakume elkarte/taldeetan. Euskara elkarteetan, ordea, bai. Eta horrelakoetan ez dut nik antzeman euskaldun gisa ditugun arazoei buruz berba egiteko paradarik, ez dut antzeman gure arazoei kasu egiten zaienik, ez dut antzeman gure egoera digeritu eta aldatzeko barne gogoetarik. Modu sistematikoan eta antolatuan, behinik behin.      Egia esateko, amorruaren eraginez sortutako neska gazteen talde horietako askok bizitza laburra izan du. Baina liburuan batek baino gehiagok aitortzen du talde horiek sekulako marka utzi dietela eta euren etorkizuneko bilakaeran ezinbestekoak izan direla. Feminismoaren "eskola" izan direla, alegia. "Eskola" horiek ere beharrezkoak direlakoan nago, ikasi, asmatu eta erratzeko aukera emango diguten eskolak.      Talde eta elkarte feminista askok azken urteotan, batez ere, transgresioa, freskotasuna, txinparta… ekarri dituzte plazara. Gurean, ordea, ez ditut horrelakoak ikusi (han eta hemen bai, baina oro har ari naiz). Zergatik gaude hain apalankatuta? Administrazioarekiko larregiko dependentzia akaso? Erakundetze eta profesionalizazio maila altuegia akaso? Koldo Izagirrek salatzen zuen funtzionarizazioa ote?      Baina natorren adibideetara. Liburuan emakume abertzaleen topaketetan izandako eztabaida eta gogoetak batzen dira. Horrez gain, topaketen alde ludikoagoari ere egiten diote leku: talde sentimenduari, kohesioari, igurtziari eta abarri. Euskaltzaleon topaketak, ordea, eta salbuespenak salbuespen, gatz bakoak dira, eta liburuan esaten dena gurean imajinatzea nahiko zaila egiten zait gaur-gaurkoz.      Euskalgintzak urteetan plantoa eta ekintza zuzena erabili izan ditu: ikastolen sorrera, gau eskolen sorrera, unibertsitateetan egindako plantoak, ezabaketa egunak eta abar. Hala ere, azken urteotan gutxi erabili izan dira horrelakoak. Feministak, aldiz, gero eta sarriago ari dira horrelakoak erabiltzen euren aldarrikapenetan. Euskaltzaleok zailtasunak ditugu guk nahi ditugun mezuak helarazteko eta ekintza zuzenak bide ona izan daitezke mezu horiek zabaltzeko. Ez ala?      Euskal feminismoaren historiari, azken urteotan behinik behin, aniztasuna eta dinamikotasuna dario: elkarte asko eta lan ildo asko ireki dituzte azken urteotan. Eta horrek berriro ere euskalgintzara narama artez: horrenbeste urteren ondoren, inori ez zaio bururatu, esate baterako, etorkin euskaldunen elkarterik sortzea? Edo euskara nagusitan ikasi dutenen elkartea? Edo euskara teknikarien elkargo profesionalik? Edo euskara hutsez biziko direnen laguntza antolatuko duen elkarterik? Edo... Ba, antza ez.     Beste kontu bat ere ekarri nahiko nuke lerrootara: feminismoak emakumez osatutako erakundeetan garatu du bere jarduna. Baina ez du inondik ere ahaztu jendartearen "beste" erdia. Eta hasieratik eta nahiko sistematikoki saiatu da haienganako diskurtsoak sortzen eta elikatzen. Gurean, ostera, ez dut ikusi nik erdaldunenganako diskurtsorik azken urteotan ("zoaz euskaltegira" bezalako errieta-aginduak kenduta). Eta euskaldunok elikatzen ez baditugu, nork elikatu behar ditu gure aldeko diskurtsoarekin?      Inbidia latza pasatu dut liburua irakurtzen. Nahiko nituzke guretzat feminismoak azken urteotan duen bizitasuna, konplexutasuna eta intuizioa. Nahiko nituzke bai. Asko dugu ikasteko, asko dugu ikusteko, asko egiteko, asko deseraikitzeko eta asko desikasteko. Eta, ahal den neurrian, elkarrekin.
news
argia-e226295ecf6c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/oscar-garcia-jurado.html
"Imaginario kolektibo andaluzetik oso bestelako kooperatibagintza sortzen ari gara"
Urko Apaolaza Avila
2018-04-15 00:00:00
"Imaginario kolektibo andaluzetik oso bestelako kooperatibagintza sortzen ari gara" Andaluziako Morón de la Fronteran jaio eta hazia, lurralde ekonomian doktoratua da Oscar García Jurado. Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitatean hainbat urtez aritu ondoren, bulego akademikoetatik kalera aldatzea erabaki zuen Autonomía Sur kooperatibarekin. Egun mugimendu sozialei eta SAT sindikatua edo Marinaleda kooperatiba bezalako proiektuei aholkularitza eskaintzen diete. Ezaguna da ekonomia eraldatzaileko euskal eragileen artean, eta ekintzailetasun soziala sustatzeko KoopFabrika programak gonbidatuta izan da gurean. Ekonomia sozial eraldatzailea bultzada handia izaten ari da Euskal Herrian, Katalunian… nola dago egoera Andaluzian? Andaluzian kooperatibagintzaz hitz egitean, nekazaritza lurjabe handien kooperatibez ari gara. Santuen izenak dituzten produktuak ikusten dituzuenean, normalean erregimen frankistako sektore sozialenek sortuak dira 50eko hamarkada amaieran, prezioak defenditzeko. Baina 2008an Coop57 sortu genuen eta hortik aurrera beste kooperatibagintza ernetzen ari da. Autonomía Sur-etik diskurtso bat sortzen ari gara kooperatiben inguruan, imajinario kolektibo andaluzean oso bestelakoa dena. Huelvan edo Almerian ikusten ditugun azalera handiko baratzeak zer dira? Gauza bera. Prezioak defenditzeko batu diren negutegien jabeak dira, baina ez dituzte lana, kontsumoa edo produkzio baliabideak kooperatibizatzen. Prezioak defenditzeko batzen dira, Europako merkatuetan marrubiak eta garaiz kanpoko barazkiak saltzen dituzten banaketa kate handien aurrean. Marrubiak aipatu dituzu… Marokoko emakumeek biltzen dituzte, 13 urtetik beherako umeen amak, itzuliko direla bermatzeko. Eta Bulgaria eta Errumaniako emakumeak ere jatorrian kontratatzen dituzte –CCOO eta UGT bitartekari direla, dena esan beharra dago–, aterki "legal" batekin muturreko esplotazio egoeran ekartzeko. Ekologikoki jasanezina da, bai akuiferoak deuseztatzen ari direlako, baita erabilitako ultra-teknologia holandarrarekin zorpetuta daudelako ere. Manuel Delgado Cabeza ekonomialariak dio "produkzio plataformak" direla, ez nekazaritza: input kostu ikaragarria duten hondartzak dira. Andaluziako administrazio publikoak "alderdi-kooperatibagintza enpresariala" sustatzen duela salatu duzue. Andaluziako Juntak diru-laguntza handiak lortzen dizkie nekazal kooperatibei, baina ez dakit zeinek kontrolatzen duen zein. Azken batean, olio kooperatibak DCoop taldearenak dira, eta kapital italiarrari edo iparramerikarrari loturiko agente globalen esku daude. Guztiz sinbiotikoa da. Eztabaida dago horren inguruan. Diru-laguntza gutxiago jasota buruaskiagoak izango gara? Eremu publikoa ez al da herritarrok irabazi dugun eskubidea? Neoliberalismoak zabaldu duen ideia da Estatuak ez duela ekonomian esku hartu behar. Eta hain zuzen, hori defendatzen dutenek jasotzen dute baliabide publiko gehien: I+G jada ez da existitzen enpresa handian, gezurra da, administrazio publikoak egiten du eta gero lizentziak pribatizatzen dira. Noski jo behar dugula laguntza horiek lortzera, jakina baliabide publiko horiek erreskatatu behar ditugula pribatuaren atzaparretatik. Arriskua zein da? Menpekotasuna. Baina horregatik ez diogu uko egin behar, ez da txuri ala beltz, jo dezakegu diputaziora, udaletxera eta beste iturrietara gure proiektuaren finantza-autonomia arriskuan ez jartzeko.    "Ez dago Andaluzian Coop57 bezain ongi funtzionatzen duen erremintarik ekonomia eraldatzeko; izaera asanblearioa mantendu du, eta efizientziaz" Kendu behar dugu burutik enpresa kapitalistak buruaskiak diren ideia? Inor ez da buruaskia. Goi teknologiako kooperatiba lehiakor horrek nondik edaten du bada? Unibertsitatetik. Subentzionaturik daude, oinarrizko zientzian egiten den esfortzuaren bidez. Gertatzen dena da, nagusitu den kontakizunak itzalean uzten dituela laguntza horiek, eta aldiz, menpeko klaseek jasotzen dituztenak nabarmentzen ditu. Denbora asko aritu dira esaten Marinaleda proiektu subentzionatua dela.   Marinaleda nola dago orain? Oso momentu esperantzagarrian. Krisiak lehertu zuenean sufritu zuen, baina kooperatibistek pauso bat aurrera egin zuten eta orain egiatan ari dira autogestionatzen; Manuel Sánchez Gordillok erreferentzia izaten segitzen du. Marinaleda ez da kontziente kanpora begira duen esanahiaz: finantza arazo larria izan zuenean, Coop57-k hilabete bakarrean 600.000 euro bildu zituen, eurek ez zuten sinesten hori lortuko genuenik, txuleatzen ari ginela uste zuten.     Zulo horretatik atera da funtsezko bi gauzarengatik: batetik, olibadia oso ondo lantzen dutelako eta kapitalismoak esaten duelako olioa orain garestia dela; eta bestetik, kooperatibistek kontrolatzen dutelako ekoizpena. Egun ez du kasik zorrik. Hurrengo pausoa zein da? Marinaledako jarduera ekonomikoak koherente izan behar du banaketa alternatiboarekin, ekologiarekin, finantza etikoekin... Euskal Herrian Koop57 duela urte gutxi sortu da, Andaluzian aldiz esperientzia gehiago duzue finantza etiko eta solidarioekin. Bere laguntzarik gabe ekonomia sozialeko erakunde asko hilda leudeke. Ez dago Andaluzian Coop57 bezalako erreminta praktiko, baliagarri eta hain ongi funtzionatzen duenik ekonomia eraldatzeko. Eta baldin badago esan diezadatela zein den. Finantzen mundu konplexuan, dirua baino gauza kapitalistagorik ez baitago, gai izan da izaera asanblearioa mantendu eta mugimendu sozial izaten segitzeko. Eta efizientziaz: 30 milioi euro baino gehiago kudeatzen dute hamar langileren artean. Eta nola egiten da hori? Kudeaketa sozial eta demokratikoari uko ez egiten. Hainbeste milioi esku artean, normalena litzateke banku konbentzionalek nola egiten duten begiratzea… Baina haien antza hartuz hobeto joango zaigula uste badugu, oker gaude. Are gehiago esango nuke, lan taldean aritzeko gure gaitasunaren aurrean, enpresa kapitalista askotan "kalitatea" eta "kolaborazioa" hitzak erabiltzen hasi dira; taylorismoa amaitu eta toyotismoa hasi zen unetik, gutxi batzuen esku dauden kooperatiba kapital-pilatzaileak izan nahi dute. Ez gaitezen haiengana joan, haiek gurengana datozenean. Autonomía Sur-en sindikatu eta kooperatibei aholkua ematen diezue, tartean kooperatiba turistiko bati ere bai. Nola da hori? Euskaldunei hainbeste gustatzen zaizuen Conil de la Fronteran 50 ostatu txiki bigarren mailako kooperatiba batean antolatu dira. Campito ostatuaren inguruan bildutako jende batek esan zuen ez zuela jarraitu nahi Booking-i dirua ematen, ekonomia kolaboratiboarena amarrua delako… … Euskal Herrian ere pisu turistikoekin eta horrelako atariekin kezka handia dago. "Plataforma kapitalismoa" dira azken batean. Conileko ostatu hauek Booking-i ordaindu beharrean euren erreserba zentrala sortu zuten Conil Hospeda kooperatibaren bidez, hala interneten kokatu dira. Hurrengo pausoa izango da kontsumo turistiko alternatiboa sortzea: esplotaturiko Kelly -rik gabe, aberastasuna banatuz, tokian bertan erosketa kolektiboak eginez… Erronka zein da? Kooperatiba bat muntatzea erraza da, baina kooperatibistak sortzea oso zaila. Pertsona horiek elkartzen badira soilik etekinak handitzeko, ez dira inora joango. Baina suntsituriko kostalde andaluzaren kanonetatik salbatu den Conil bezalako herri ikusgarri batean, lurraldean txertaturiko garapen turistiko eredu berria sortzen badute, hori beste kontu bat da.    Oscar García "lanaren burujabetzaz" aritu zen Arantzazun martxoan, KoopFabrikaren eskutik. "Aurpegia behar da hemen horretaz hitz egiteko: burujabetza ekonomikorik gabeko lurraldetik nator. Baina ez daukagunaz pentsatzetik hitz egingo dut, bestela ez ginateke gauden tokitik mugituko". (Arg.: Urko Apaolaza) Esku artean duzuen beste proiektu bat Portal de Andalucía da. Beharra ikusten zenuten ekonomiako albisteak beste modu batean azalduko dituen interneteko ataria sortzeko? Aholkularitza lanaz gain ikerketa ere egiten dugu eta harremana dugu gure ideiekin bat egiten duten unibertsitateko jende batekin; haiei artikulu-idazle moduan espazio bat eskaini diegu atari honen bidez. Aktualitateari ere beste norabide bat eman nahi diogu –zer ari da gertatzen Andaluziako Parlamentuan?–, eta gure inguruan dabiltzan sindikatu eta erakundeak ikusgarriago egin. Ez zen halakorik existitzen, eta oso gaizki eginda ere, zerbait bada behintzat. Guk halakoak bultzatzen ditugu eta gero paretik kentzen gara... Badugu antzeko esperientzia banatzaile alternatibo batekin. Banatzailea? Interneteko erosketa plataforma bat da, Andaluziako Coop57ri loturiko produktuak edo Marinaledako zigilua daramatenak eskaintzen ditu. Ekonomia eraldatzailearen bermea dute: pasta ekologikoa, artisau garagardoa… Orain gutxi elkartu ditugu SAT sindikatuaren interneteko denda, Marinaledakoa eta Lamedina.coop. Nolabait, sartzen dena zentralizatu nahi dugu, baina irteten dena deszentralizatu, SAT, CGT eta eragile sozialen tokiko egoitzetan edo gune okupatuetan ere produktu horiek egon daitezen. Kontsumo militante horrekin enplegua sortzea da ideia. Guk hori bultzatu dugu, baina ahal dugun neurrian bere kabuz segi dezala nahi dugu. Portal de Andalucíarekin ere gauza bera da, bihar kazetariak-edo hurbiltzen bazaizkigu… Atarian ez dago jenderik esklusiban lanean? Ez, agian jarraitu nahi dugulako ekonomia gaiak beste modu batean lantzen. Badago kazetaritza bat goian "ekonomia" jartzen duena, baina ez duena kontatzen jendeak zer jaten duen lurralde horretan. Euskal Herrian jakin behar duzue zer dagoen Estepako mantekadoen edo Jabugoko urdaiazpikoaren atzean, nolakoa den ahora eramaten dugun mahairako oliben balio-katea, zer gertatzen den ontziolekin… Hori prentsa ekonomikoan ez da agertzen.     Badaude hainbat Andaluzia: Sevilla edo Granada bezalako hirietakoa eta ikusezina den landa gunekoa. Hor ez daude jornaleroak soilik, agroelikadura industrian eta ehungintzan prekarietatea besterik ez diren azpikontratazio-kateak daude. Parisen Loewe markako poltsa bat 200 euro ordaindu dezakezu, baina poltsa hori Ubriqueko soto batean dagoen emakumeak egin du 3 euroren truke. Azpikontratazioa, besteak beste, eraikuntzan gailendu da Euskal Herrian. Eta Andaluzian? Astakeriak egin izan dira. 2005ean Morón de la Fronteran Sevilla II kartzela eraiki zen. Mugimendu sozialak antimilitaristak ginen, basea hor dagoelako, baina inoiz ez genuen kartzela zalantzan jarri; boterearen manipulazioa ikaragarria izan zen enplegua hitzemanez eta azpikontratak etortzen hasi ziren… Baina "sufrimenduaren industriatik" herrian azkenean ez zen ezer geratu eta hamabost urte geroago jarraitzen dugu fokua hor jarri gabe. Espetxeak eraikitzen dira –Andaluzian hamar daudela uste dut– baina pertsona batek zainak mozten baditu bere ziegan ez dago albisterik prentsan, ez onik eta ez txarrik, eta pertsona batek zainak moztu ditu Puerto de Santa Marían.
news
argia-8c98094388a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/ezker-aihena.html
Ezker-aihena
Jakoba Errekondo
2018-04-15 00:00:00
Ezker-aihena Gure etxean ezker-aihena izenarekin ezagutu genuen ( Humulus lupulus ). Izan ere, makina bat ezker-aihen landu da gure herriko errioaren erriberatan, garagardogintza hedatu zenarekin batera. Otsaihena, zerbeza-lorea, zerbeza-landarea, bier-belarra eta ezker-belarra ere deitzen zaiola ikasi dugu. Orain jende gehienak lupulua deitzen dio. Ez dakit lehendabizikoz nork deituko zuen lupulu; idatziz, behintzat, hiztegi eta izendegi modernoetan jasoa ikusi dut, zaharrenak 1984ko UZEIren Biologia 1 izendegia eta 1985eko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landare Katalogoa. Ezker-aihena igokaria da; ez du kiribilik edo aparteko aihenik igotzen denean eusteko; landarea bera da aihena. Ezkerrez aurrera luze hazten den landarea da, 8-10 metrora arte ere bai zenbaitzuk. Urtero ihartu eta sustraietatik urtero berritzen denez, urte askotarako jartzen zen soroetan. Izugarrizko hesola handietan lotutako alanbreetan luzatzen zen. Landare dioikoa da, hau da, landare batzuk arrak eta beste batzuk emeak dira. Emearen lorea osagai garrantzitsua da garagardogintzan. Lore horrek hauts-itxurako erretxin usaintsu bat izaten du, lupulina. Lupulinak garagardoari bizitza luzea ematen dio; garagardoa hartzitzen den bitartean, desegin eta bi gaitan bereizten da. Bi osagaiok edariaren iraunarazleak dira. Era berean, garagardoaren mikaztasun nabarmen hori eransten diote. Ohiko gurpilera iritsi gara: zein da helburua? Garagardo mikatza ala iraungo duen garagardoa? Nire ustez, garai batean iraungo zuena nahiko zuten, nahiz mikatza izan. Sagardogintzan ere ezaguna da sagar aldaera mikatzen iraungarri lana. ARGIAn bertan kontatu digu, duela ez asko, Iñaki Sanz-Azkuek Hernaniko Orkolaga baserrian Antonino Pagolak egiten zuen ezker-aihendun sagardoaren istorioa... Sagarrarekin edota mahatsarekin ardoak egiteko, fruituen muztioa inguruan dituen lemagi eta abarrekin naturalki hartzitzen uzten da. Uzten zen, gaur egun gero eta ohikoagoa baita legami jakin batzuk eranstea, muztioaren hartzidura "kontrolpean" izateko. Garagardoekin ere hori egiten da: garagar-ura edo "muztioa" desinfektatzeko egosi, eta ondoren legami jakin bat soilik erantsi. Horixe da beti dasta bereko garagardo bera izateko bidea. Baina gure aurretik eta aurretik ere garagardoa horrela egingo ote zuten? Desinfekzioarekin arazo latzak izango zituztenean, alegia. Ezezkoan nago.
news
argia-c6a8475e6496
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/presoen-gaia-mugitu-beharra-ezinbestekoa-ikusten-dute-foro-sozialean.html
Presoen gaia mugitu beharra ezinbestekoa ikusten dute Foro Sozialean
Maddi Txintxurreta
2018-04-09 00:00:00
Presoen gaia mugitu beharra ezinbestekoa ikusten dute Foro Sozialean Urtebete igaro da ETAren armagabetzetik. Gizarte zibilaren eskutik gauzatu zen iragan urteko apirilaren 8ko armagabetzea, nazioarteko egiaztatzaileen eta askotariko instituzioen bitartekaritzarekin. Urteurrena ospatu eta bakearen bidean pausuak emateko xedez, Foro Sozial Iraunkorrak bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu asteburuon. Bertan, esaterako, euskal presoen "salbuespen egoera" salatu eta bake prozesuaren bidean ibiltzeko giltzak proposatu dira. Miarritzeko Bellevue egituran elkartu ziren justiziako ordezkariak Foro Sozialaren bigarren egunean, eta Frantziako Estatuan preso diren euskaldunak izan zituzten hizpide. "Batzuetan, oztopo administratiboak oztopo politikoak baino zailagoak dira gainditzeko", esan zuen presoen gerturatzeari buruz Jean René Etxegarai Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapezak ekitaldian. Oztopoak oztopo, lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten bertaratuek. Presoen gerturatzeaz gain, zigorren betetzeaz aritu ziren. Azken urtean, 21 euskal preso libre geratu dira, eta ez da izan zigor egokitzapenik. Ostean, gehienak Espainiako Estatuko autoritate judizialen esku utzi dituzte. "Aitzinamendu handiak egiteko giltzak eremu horretan aurkitzen dira", baieztatu du Xantiana Cachenaut euskal presoen abokatuak. Berriak emandako kronika eta datuen arabera , 2017ko apirilaren 5ean 74 preso ziren Frantziako Estatuko 24 presondegitan. Egun, 53 preso daude, eta horietatik bost dira epaiketaren zain daudenak. Gainerako 48ak zigortuta daude jada, eta 19k baldintzapeko askatasuna eska dezakete. Eskaera horiek inork ez dituela kritikatzen esan du Cachenautek. Alabaina, 2016an bozkatutako terrorismoaren aurkako legeak dio delitua berriz egiteko arriskuak kontuan izan behar direla, eta hori "arazo" bat dela. Alta, horrek ere badu soluziorik, Cachenauten esanetan: "Lehen ministroaren dekretu bat aski litzateke". NBEko aditu eta ohorezko magistratu Philippe Texierrek esan zuen epaileei mintzatu behar zaiela, beraiek baitute zigorren betetzeari dagokion erabakien ardura. Horrez gain, Justizia ministroa ere aipatu du: "Irudika dezagun Justizia ministroaren zirkular bat galdetzen duena prokuradore guztiei elementu politiko hau kontuan har dezaten. Hau da, borroka armatuaren behin betiko ukapena. Beharbada beste emaitza batzuk lortuko genituzke". Aipatu zuen, halaber, egiaren batzorde baten sortzeko premia. Bakea «eraikitzen dela», berretsi zuen, Harold Good apezaren hitzak bere eginez. Ipar Irlandako bake prozesutik ekarri esperientziatik mintzatu zen Good. Presoak ahal bezain goiz askatu behar direla zioen Goodek. «Baketzea posible al da, baldin eta etxetik urrun dauden presoek ez badute itxaropenik? Presoen seme-alabek behar dituzte segurtasun batzuk. Presoak bakearen giltzak dira. Presoak ez badira prozesuaren barne sartzen eta ez badira engaiatzen, ezinezkoa da hitzarmena» Jauregiren "Arbolaren Egia" Koldobika Jauregi zizelkariaren Arbolaren egia lana inauguratu dute igandean, ETAren armagabetzearen urteurrena dela eta. "Belaunaldi berriek iraganaz irakasgaiak atera ditzaten eta geroan aizkora berriro altxatu ez dadin. Esaldi hau idatzita geratu da Baionako Unibertsitatearen aurrean, Roland Barthes zelaigunean. Eskulturaren inaugurazioak amaiera eman dio ostiralean eta larunbatean gauzatutako Foro Sozial Iraunkorrari. Jean-Rene Etxegarai alkatea, Harold Good irlandar elizgizona, Mixel Berhokoirigoin bakegilea han ziren, besteak beste. Jauregiren lanarekin ados ez, eta protestari batzuek "lotsa" hitza egin dute aterkiekin. Covite biktimen elkarteak eskerrak eman dizkie protesta egin dutenei. Alabaina, lana "biktima guztien oroimenean" egin dela oroitu du zizelkariak.
news
argia-7cf5c8318f9b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/arratoiek-ez-zuten-izurri-beltza-zabaldu.html
Arratoiek ez zuten Izurri Beltza zabaldu
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-04-15 00:00:00
Arratoiek ez zuten Izurri Beltza zabaldu Izurri Beltzak Europako biztanleen herena hil zuen 1347 eta 1351 urteen artean, eta, orain arte, arratoiei egotzi izan zaie gaixotasuna hain azkar eta hainbesteko indarrez zabaldu izana. Baina Oslo (Norvegia) eta Ferrara (Italia) unibertsitateetako ikerlari talde batek arratoiak errugabetzat jo berri ditu, Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian argitaratutako artikuluan. Horretarako, Europako bederatzi hiritan izurri agerraldien simulazioak egin dituzte hiru eragile erabiliz: arratoiak, aire bidezko transmisioa eta gizakien zorri eta arkakusoak. Eta ondorio garbia atera dute: soilik gizakien parasitoen bidez zabal zitekeen izurria hain bizkor eta hainbeste pertsona kutsatu.
news
argia-700f34732287
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/greba-deitu-dute-gipuzkoako-hoteletan-donostiako-turismoaren-goi-bileraren-egunetan.html
Greba deitu dute Gipuzkoako hoteletan, Donostiako turismoaren goi bileraren egunetan
Lander Arbelaitz Mitxelena
2018-04-04 00:00:00
Greba deitu dute Gipuzkoako hoteletan, Donostiako turismoaren goi bileraren egunetan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gipuzkoako hoteletako langileentzat greba deitu dute maiatzaren 23, 24 eta 25erako. "Patronalak hitzarmen kolektiboarekin lotuta egin dituen proposamenak ez direla nahikoak" salatu dute. ELAk jakinarazi duenez, blokeo egoeran dago Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa eta horregatik deitu dute greba. Turismoaren Mundu mailako arduradunak Donostian Sindikatuek ez dituzte kasualitatez aukeratu egun hauek greba egiteko. Egun horietan Turismoaren Munduko Erakundeak (TME) 35 herrialdetako 300 agintari eta ordezkari bilduko dituzte Donostian . Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministro Álvaro Nadal, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo kontseilari Alfredo Retortillok aurkeztu zuten ekimena. Nadalek azpimarratu zuen turismoaren esparruko "gertakari handienetako bat" dela eta "Euskadi eta Donostiak orain arte izan ez duen nazioarte mailako bisita txartel" gisa funtzionatuko duela.
news
argia-576ba61a8357
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/historia-lehoiaren-ikuspuntutik-kontatu-nahi-dut-ez-ehiztariarenetik.html
"Historia lehoiaren ikuspuntutik kontatu nahi dut, ez ehiztariarenetik"
Jabi Zabala
2018-04-15 00:00:00
"Historia lehoiaren ikuspuntutik kontatu nahi dut, ez ehiztariarenetik" Marokon sortu zen Reda Zine (Casablanca, 1977) kazetaria. Jaioterriko L'Boulevard musika jaialdiaren sortzaileetakoa da. Bolonian (Italia) bizi da, eta 2015ean The Long Road to the Hall of Fame aurkeztu zuen, Tony Kingen bizitza ardatz hartuta. Futbolari, aktore, ekintzaile politiko eta Public Enemy taldearen segurtasun arduradun izandakoaren bizitzaren bidez, AEBetako afroamerikarren azken hamarkadotako berri ematen du. Otsailean gurean izan zen filma aurkezten. Casablancako eszena alternatiboan hasi zinen. Antzoki okupatu batean hasi ginen, eragile talde txikia ginen, musikari, kazetari, teknikariak… Elkarte moduan hasi ginen antolatzen, areto txikiak alokatuta, eta ohartu ginen gu bezala beste jende asko ere gauzak egiteko gogotsu zegoela… L'Boulevard festibala bilakatu zen denborarekin. Ez zen erraza izango 90eko Marokon? Iritzi publikoa eta hedabideak ez zeuden musika tradizionala edo pop musikaz haragoko adierazpenetara irekita, muturrekotzat hartzen ziren bultzatu nahi genituen heavy metal eta hip-hop estiloak. Egin kontu, 1997 inguruan ez zegoen internet egun bezain garatuta, telebistan aukerarik ez eta VHS zintak elkarbanatzen genituen. Barne Ministerioa oso gogor ari zen orduan, ostrazismo handia zegoen, izua eta zentsura nonahi. Errepresioa etorri zen orduan. Arrakasta itzela lortzen hasi ginen, baina Gobernutik, islamistengandik eta eskuinetik oro har, gero eta eraso handiagoak zetozen. Trantsizio garaia zen, Hassan II.aren heriotzaren ostean, baina Kultura Ministerioak ez zuen guk egindakoa kulturatzat hartzen. "Mendebaldearen degenerazioa zarete, inperialismoarena", esaten ziguten. Gero atxiloketak etorri ziren: 2003ko otsailean, kontzertu baten ostean, hamalau lagun euren etxeetan atxilotu eta kartzelaratu zituzten. "Satanismoa" leporatu zieten. Prozesu kafkiarra izan zen, galdera inozoak egiten zizkieten, etxean kamiseta beltzak eta kandelak zituztela frogatzat aurkeztu... Zein izan zen gizartearen erantzuna? Irakeko inbasioaren garaia zen eta, Marokon, amerikar inbaditzaileekin lotzen gintuzten gu. Babes kanpaina antolatu genuen atxilotuekin, baina Marokoko hedabideak eta iritzi publikoa kontra genituen, eta barnealdean oso jende gutxik eman zigun laguntza. Aipagarriena izan zen berunezko urteak bizi izandako ezker muturreko sindikalista zahar batzuek emandako babesa. Horietan nabarmendu zen hil berri den Amale Samie kazetari eta anarkista. Apolitikoak ginen baina beraiek abokatuak bilatu eta lokalak utzi zizkiguten babesa antolatzeko. Eta kanpoan? Ni ordurako Marokotik at nintzen, zorionez, eta kanpotik lagundu ahal izan nuen, Internet bidez, lagunen aldeko kanpaina egiten, baina Maroko eta Frantziako erregimenak elkar hartuta egon dira beti eta erabateko isiltasuna zegoen Frantziako hedabideetan, 40 egunez ez zuten aipamenik egin. Egun batean, Le Monde k azalean atera zuen gaia, ondoren Liberation etorri zen eta... biharamunean lagunak askatu zituzten. Bestalde, handik aste gutxira, beste hamalau gaztek, ez rockeroak, Al Qaedak burmuina garbitutakoak baizik, eraso suizidak egin zituzten Casablancan. Horrek erabateko aldaketa eragin zuen Gobernuaren jarreran, eta handik aurrera L'Boulevard festibalari laguntza ematen hasi ziren. Parisen geratu eta zinegintzara jo zenuen orduan. Sorbonan identitateen eraikuntzan telebistak duen eragina ikertu nuen. Ikasketak bukatu eta kazetari aritu nintzen, irrati bitan eta Amale Samiek sortutako aldizkari batean Frantziako berri emaile hasi nintzen, baina bi urtetako presioek eta zentsurak itxiarazi zuten aldizkaria. Marokora bueltatzeko asmoa nuen baina ikaskide Italiar batekin ezkondu eta Bolognara jo nuen. Bertan irrati batean etorkinekin hasi nintzen lanean, eta Bolognako Cinetecarekin lan egiten. Marokoko musika eszenaren inguruko dokumentala egin nuen eta, ondoren, Cinetecaren laguntzaz, Bologna, Bukarest, Sevilla eta Riga hirietan integratutako etorkinen istorioak jaso zituen This is mys story. Or Ours? egin nuen. Hor lortutako diru apurrak The Long Road to the Hall of Fame , nire kasa egiteko gastatu nituen gero. Reda Zine (ezkerrean), Tony King (Malik Farrakhan) eta Public Enemyko abeslari Chuck D 2015eko Pan African Film Festival-en.  Txiripaz egin zenuen topo Tony King-ekin? Bai, Obamak AEBetako agintea hartu zuen garaian, Public Enemy taldeko Chuck D abeslariari elkarrizketa egin nahi nion Obamaren garaipenaz, L'Boulevard-en aldizkarirako. Berarengandik pasatu behar izan nuen, Public Enemy taldearen segurtasun arduraduna zelako. Berak kontatu zidan NFLn jokalari ibili zela, blacksploitation mugimenduaren garaian aktore, Nation of Islam-en, Malik Farrakhan izena hartuta... Ez nion sinesgarritasun handirik eman, baina gero Googlen hasi nintzen bila eta... Ene! bera zen! Berari buruzko filma egiteko proposamena egin nion eta gustura onartu zuen. Zure kabuz eta baimenik gabe egin duzu dokumentala. Baimen berezia eskatu behar da AEBetan filmatzeko, baina nik ez nuen eskatu. Chuck Dk eta lagunek ikusi zuten egile xumea nintzela eta Tonyren gaineko filma egiteko ate guztiak ireki zizkidaten. Euren eskutik ghettoan sartu ahal izan nintzen, izan ere, Los Angelesen, Hollywood-ez beste, baduzu Watts auzoa. Tony bizi den ingurua da eta, zuria bazara, ezin zara handik zure kasa ibili.
news
argia-b39b3230865a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/ahilan-waradarajah-eta-viraj-mendis.html
"Negoziazioak ondo badoaz, Mandela bihur zaitezke, baina gerra galtzen baduzu, zure bila etorriko dira"
Jabi Zabala
2018-04-15 00:00:00
"Negoziazioak ondo badoaz, Mandela bihur zaitezke, baina gerra galtzen baduzu, zure bila etorriko dira" Askatasun Tigreak gerrillaren amaiera izan zen 2009ko maiatzeko sarraskia. Sri Lankako armada sinhalarraren garaipenak amaiera eman zion de facto independentea izan zen Tamil Eelam-eko estatu saiakerari. Genozidioa ere izan zen hura, Viraj Mendis eta Ahilan Waradarajah ekintzaileen arabera. Sinhalarra bata, tamil etniakoa bestea, hori azaltzera etorri ziren otsailean Euskal Herrira Alemaniatik. Mapan India handiaren azpian ikusten den arrautza formako irla dugu Sri Lanka, garai batean Zeilan zeritzona. Sinhalar edo zingalesak Sri Lankako 21 milioi biztanleen %70 inguru dira eta irlaren erdialde eta hegoaldean nagusi dira. Colombo hiriburuko gobernua kontrolatzen dute independentziaz geroztik eta erlijioz budistak dira. Tamilak, bestalde, biztanleen %15 inguru dira, irlaren ipar-mendebalde, ipar eta ipar-ekialdeko kostaldeak hartzen dituen zerrenda estu eta luze batean bizi dira eta hinduismoa dute erlijio. Biztanleen %10 Sri Lankako musulmanak dira eta beste %5 inguru plantazioetako tamilak dira, XIX. mendean irlaren erdian te landaketetan lan egiteko, britainiarrek Indiatik eramandako tamil talde baten ondorengoak. Izan ere, Sri Lankan baino tamil populazio handiagoa dago Indian, 60 milioi inguru, India hegoaldeko Tamil Nadu eskualdean. Ezezagun xamarra zaigu Sri Lankako egoera, baina hizkuntzaz, kulturaz eta erlijioz oso ezberdinak diren etnia handi bien arteko gatazka luzea izan da azken ehun urteotan. Britainia Handiak 1948an eman zion Zeilani independentzia mugatua, domeinu moduan eta Commonwealth barruan geratuta, baina hasieratik sinhalarrak izan ziren gobernuan nagusi. 1972an Sri Lankako errepublika aldarrikatu eta sinhalar nagusitasuna estatu politika ofizial bihurtu zen, tamildarren hizkuntza zokoratu eta euren botere apurra suntsitzeko helburuz. Errepresio giro hartan, 1976an Tamil Tigreak sortu ziren, Tamil Eelam estatu independentea lortzeko helburuarekin. Eremu nahiko zabala kontrolatzea lortu zuten ia 30 urtez. 2002 eta 2006 artean, Norvegiak eta Alemaniak bultzatuta, su-etena egon zen indarrean eta bake negoziazio gorabeheratsuak izan ziren. 2004an tsunamiak nagusiki tamilen kontrolpeko guneak jo zituen eta haren ondorengo desadostasunek eragina izan zuten bake prozesuaren porrotean. 2006tik aurrera, Tigreen kontrolpeko eremua gero eta txikiago bihurtu zen eta 2009ko maiatzean Tamil Eelamen akabera heldu zen: 50.000 tamil inguratuta zeuden zazpi kilometro koadroko lur zerrenda txikian. Sarraski bortitza izan zen Tamil Tigreen suntsiketa, genozidioa tamilen eta hainbat erakunderen arabera. Operazio militarrean 70.000 tamil hil zituztela adierazi zuen NBEk. Beste iturri batzuek kopuru hori askoz handiagoa dela diote. Halere, nazioarteko komunitatearen erreakzioa oso epela izan zela salatzen dute tamilek. 2013an Herrien Auzitegi Iraunkorra (ptsrilanka.org) nazioarteko ekimenak, gaia ikertu ostean, genozidioa izan zela ebatzi eta AEB zein Britainia Handiaren konplizitatea salatu zuen. Argazkia: Aritz Loiola Hondartza batean amaitu zen tamilen estatu saiakera, Tigreen presidentea, soldadu gehienak eta milaka zibil hilda. Ondoren, tamil egitura guztiak desegin eta euren guneen okupazio militarra etorri zen, atxikitze guneak, kasta sistemaren berrezartzea, sinhalar toponimoen ezarpena, populazioaren hezurretarainoko umiliazioa... Ahilan Waradarajahek irudi grafikoa erabiltzen du: "Tamilentzako futbol txapelketa antolatu eta saria whisky botilak izan ohi dira, alkoholismoa sustatzen ari da gobernua tamilen artean". Viraj Mendis, sortzez sinhalarra izanik ere, tamilen aldeko ekintzaile nekagaitza da: "Tamalez oso gutxi gara tamilen aldeko sinhalarrak, nolabaiteko babesa bai, baina baldintzarik gabe tamilen autodeterminazioa oso gutxik onartzen du. Adibidez, Turkiako ezkerrean bada jende asko kurduen eskakizunei irekirik, zenbat eta erradikalagoa izan, orduan eta aukera gehiago dago kurduen alde egoteko. Sri Lankan, ordea, sinhalarren artean ezker erradikala ere tamilen aurka dago. Antiinperialismoa sinhalar nazionalismoari lotua ikusten dute, marxistak direla diote, baina chauvinismo handiarekin, estatua irauli nahi dute baina bere izaera sinhalarra erabat mantenduz. Marxek esan zuen beste nazio bat zapaltzen duen nazioak bere kateak forjatzen dituela. Benetan estatua irauli nahi baduzu, egitura osoa irauli behar duzu". "Suitzako bankuek tamilei dirua uztea negozio ona izango zela uste izan zuten" 1973an heldu zen Britainia Handira Mendis, ikasle bisa batekin, baina han geratu eta ekintzaile politiko moduan nabarmendu zen. 1986an, deportazio agindua jaso eta Manchesterreko eliza batean hartu zuen babes. Haren aldeko kanpaina sonatua antolatu zen, baina 1989an, poliziak elizara indarrez sartu eta Sri Lankara deportatu zuten. "Deportazioak zerikusi handiagoa izan zuen nik Britainia Handian egindakoekin, izan ere, jendearen deportazioen kontra ari nintzen, arrazismoaren aurka funtsean, eta nire bila etorri ziren esanez 'nola aritzen zara jendearen geratzeko eskubidearen alde zeuk ez baduzu hemen geratzeko eskubiderik?'. Barne kontua zen, baina deportatuz gero erregimenak hilko ninduen beldur ziren britainiarrak. Beraz, akordio batera heldu ziren erregimenarekin eta urte batez Sri Lankako pertsonarik babestuena izan nintzen, denek bizirik nahi ninduten, baina iraungitze data zuen segurtasun hark, beraz, Alemaniara ihes egin nuen". Alemanian errefuxiatuen aldeko lanean dihardu, Bremengo International Human Rights Association elkartea sortu zuen eta humanrights.de webgunea editatzen du egun. Hor informazio ugari aurki dezakegu azken asteotan Suitzako Bellinzona hirian izan den epaiketaren inguruan. 13 lagun epaitu dituzte Tamil Tigreei 13 milioi euro inguru helaraztea leporatuta. Zortzi aste iraun duen prozesua martxoaren erdialdean amaitu da eta epaia ekainean emango du Suitzako Auzitegi Federalak. Sri Lankako 50.000 lagun bizi dira Suitzan, gehienak tamil errefuxiatuak, eta oihartzun handia izan du auziak. Tamila da eta Tamil Eelamen jaio zen Ahilan Waradarajah 1975ean, baina bederatzi urte zituela Alemaniara mugitu zen familiarekin. "Aita kazetaria zen eta Colombon bizi ginen, baina 1983an tamilen matxinadak izan ziren, ondoren errepresio handia izan zen eta erbesterako bidea hartu behar izan genuen". "AEBek Sri Lankako bake prozesua zapuztu eta tamilen suntsiketa gogoz bultzatu zuten" 2010ean tamil ugari atxilotu zuten Alemanian, Waradarajah bera tartean, eta Suitzan bezala, Tamil Tigreei dirua helaraztea leporatuta. "Estatubatuarren eraginez, 2007az geroztik Europan debekatuta dago tamilentzat dirua batzea, baina bi urtez Alemaniako Poliziak ez ikusiarena egin zuen. Guk 2009an dirua batzeari utzi genion, genozidioaren ondoren lurraldearekiko konexioa galdu genuelako", azaldu du berak. Gerra galdu ostean etorri ziren atxiloketak, izan ere, bake prozesua babestu zuen Alemaniak, baina gerora aldaketa sumatu du Mendisek: "Irtenbide negoziatua erdietsiko zelakoan, baikortasuna zegoen, nazioarteko komunitateak irtenbide politikoa nahi zuen, baina AEBek presio handia egin zuten. Bide militarrak irabazi ostean, garaileen posizioa ere nagusi bihurtu zen eta galtzaileena zigortu beharra zegoen". Hor kokatzen du berak Suitzan amaitu berri den epaiketa eta Alemaniak ere tamilekiko jarrera AEBen eraginez gogortu duela uste du: "Negoziazioak ondo badoaz, Nelson Mandela bihur zaitezke, baina gerra galtzen baduzu, zure bila etorriko dira". Suitzako bankuen jarrera ere kritikatzen du: "Bankuak ez dira inozoak, momentu hartan tamilei dirua uztea negozio ona izango zela uste izan zuten, aldi berean Colomboko gobernuari ere dirua ematen zioten, ez baitzituzten arrautza guztiak otzara berean jarri nahi". AEBek "bake prozesua zapuztu eta tamilen suntsiketa gogoz bultzatu" zutela argi du Mendisek: "AEBek uste zuten bake negoziazioetan jendea erosi ahal izango zutela. Tigreek 'saia daitezela, bada' esan zuten. Hauteskundeak egin eta bozken %80 lortu zuten Tigreek. Azkenean estatubatuarrek tamilak boterea bereganatzen ari zirela ikusi eta gerraren hautua egin zuten". Argazkia: Aritz Loiola Tigre sozialistak ez zituen begi onez ikusten George Bushen gobernuak, baina bere jarreran arrazoi geoestrategikoak izan zirela uste du Mendisek: "Irakeko gerran, Trincomalee portua erabili nahi izan zuten AEBek Iraki eraso egiteko, baina tamilek ez zieten helburu horretarako utzi nahi izan eta Diego Garcia irla urrun eta isolatua erabili behar izan zuten plataforma moduan. Bushen 'gurekin edo gure aurka' hartan Tigreak aurka zeuden, eta Colomboko Gobernua, aldiz, alde". Bere irudiko, kanpoko indarrak izan ziren bake prozesua zapuztu zutenak. "Bazen barne elementu bat, amerikarrek irla barruko eskuineko indarrak mobilizatu zituztelako. Europa eta Suitza Tigreak legez kanpo uztearen aurka zeuden, baina Condolezza Ricek behartu zituen". Komite Internazionalistak taldeko kide Gontzal Martinez de la Hidalgak ondo ezagutzen du tamilen borroka. Haren eskutik etorri dira Mendis eta Waradarajah Euskal Herrira eta, nazioartean Tamil Tigreen inguruan zabaldu den irudi bortitza gorabehera, Tamil Eelamekoa "oso esperientzia interesgarria" izan zela dio, "ezkerreko politikak ezarri ziren eta lorpen sozialak izan baitziren arlo askotan". Mendisek horien artean kasta sistemaren suntsiketa eta emakumeen askapenerako urratsak nabarmendu ditu: "Emakumeek gehiago irabazi zuten, horregatik emakumezkoen miliziek azkeneraino borrokatu zuten, hilko zituztela baitzekiten". Egungo estrategiaz galdetuta, Waradarajahek ez du erantzun argirik eman: "Jendeak oroitzen ditu Tigreen garaiko lorpenak, badakite zer galdu zen. Gauzak antolatzen saiatzen ari dira, baina atsekabe handia dago tamil gizartean". 2015ean gobernu aldaketa egon zen Sri Lankan: Tamil Tigreak garaitu zituen Mahinda Rajapaksak hauteskundeak galdu zituen eta horren ordez, AEBek eta britainiarrek babestutako Maithripala Sirisenak hartu zuen boterea. Adiskidetzearen aldeko mezua zuen Sirisenak tamil askoren babesa jaso zuen, baina tamilek aldaketarik ez dute sumatu. Nolabaiteko autonomia baten aukera ere urrun ikusten du Mendisek: "Genozidioaren aurretik baino demokratizaziorako aukera gutxiago dago orain, sinhalarrek irabazi dutelako. Nagusi sentitzen dira eta, beraz, 'zergatik eman ezer garaile atera bagara?' pentsatzen dute".
news
argia-cea87123a8cc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/maitasun-gutunak-fordentzat.html
Maitasun gutunak Fordentzat
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-04-15 00:00:00
Maitasun gutunak Fordentzat Bienville Parish (Louisiana, AEB), 1934ko maiatzaren 23a. Bonnie Parker eta Clyde Barrow gaizkile bikote ezaguna harrapatu eta hil zuten hainbat estatuko poliziek eta FBI-k (orduan oraindik BOI zuen izena). Auto barruan zeudela balaz josi zituzten. Ordurako ezaguna zen bikotea. Ofizialki, hiru urte ziren "etsai publikotzat" zituztela, baina askok miretsi egiten zituzten, Robin Hood garaikideak bailiran. Heriotzak mitoa elikatu besterik ez zuen egin. Zuloz jositako Ford V8 autoa ikusgai jarri zuten berehala –eta gerora hainbat kopia egingo zituzten, benetakoa zein zen zalantzan jartzeraino–. Horrenbestez, bi urte lehenago merkaturatutako auto modeloarentzat ustekabeko eta doako publizitate kanpaina bikaina  egin zuen gertakariak. Bonnie eta Clyde hil baino hilabete lehenago, Clyde Barrowek Henry Fordi (1863-1947) idatzi zion, bere produktuarengatik zorionduz. "Biriketan airea geratzen zaidan bitartean, auto bikaina egin duzula esango dizut", hasten zen eskutitza. Gaizkileak zioen beti Ford V-a lapurtzen ahalegintzen zela, ihes egiteko parekorik ez omen zuelako. Fordek, eskutitza bere museoan jarri zuen ikusgai, ezusteko kanpaina are gehiago bultzatuz. Harrigarriki, handik aste gutxira Fordek antzeko gutun bat jaso zuen, oraingoan John Dillinger banku lapur ezagunaren eskutik. Hark ere Forden autoentzat konplimenduak besterik ez zituen eta publizitate lelo bat ere proposatzen zuen: "Gida ezazu Ford bat eta beste autoak atzean geratzen direla ikusiko duzu". Dillinger handik gutxira hil zuten, 1934ko uztailaren 22an. Bi gutunen ustezko egileak hilda, ezingo zuten testuak benetakoak ziren egiaztatu edo gezurtatu. Baina, gerora, adituek eskutitzak aztertu zituzten eta Dillingerrena faltsutzat jo zuten zalantzarik gabe. Clyderen gutuna ortografia eta gramatika akatsez josita zegoen eta hori bat zetorren Burrowek jasotako heziketa maila eskasarekin. Baina sinadura ez zetorren bat Clydek erabili ohi zuenarekin eta gutun hura ere zalantzan jarri zuten adituek. Hipotesi batek dio, lehen gutuna benetakoa zela eta Fordek bigarrena asmatu zuela lehenaren eragina indartzeko. Beste hipotesi baten arabera, biak faltsifikatu zituzten, publizitate kanpaina ezkutua abiarazteko. Henry Fordek maitasun gutunak bere buruari bidali zizkiola, alegia.
news
argia-54707c862e54
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/erromantizismo-hutsa.html
Erromantizismo hutsa
Montserrat Auzmendi del Solar
2018-04-15 00:00:00
Erromantizismo hutsa Opera erromantiko bakar bat aukeratu behar badugu, zalantza dezente izan dezakegu, baina Verdiren La Traviata aipatzen badugu, ez dugu huts egingo. Alexandre Dumasen Kamelien dama obran oinarritutako lan distiratsu honek den-dena dauka hunkigarria suertatzeko eta sentimenduak azalera ateratzeko: benetako baina ezinezko maitasuna, zoritxarra, patua… XIX. mendeko nobelen osagai guztiak ditu publikoaren opera kuttuna izateko. Alde musikaletik ikusita, Verdiren onena eskaintzen da obra honetan. Musika eta libretoa urtu egiten dira. Esan dezakegu opera honen musika nolabaiteko musika programatikoa dela, melodiak berak deskribatzen baititu lan honetan zehar agertzen diren sentimendu desberdinak. Interpretazioari buruz, inpresio ona hartu nuen. Eta sorpresa izan zen niretzat. Azken urteotan munduan zehar dabiltzan Errusiatik ateratako orkestra eta abeslarien taldeak, horrelako muntaia klasikoak eginez, kalitate eskasekoak dira orokorrean. Kasu honetan, Errusiako Rostov Estatuko Orkestrak, Abesbatzak eta Bakarlariek produkzio erabat klasikoa ekarri zuten, ondo zuzendua eta ondo abestua, dudarik gabe. Esan bezala, eszenaratze hiperklasikoa ikusi genuen, zaindua. Bestalde, ondo mugitu ziren abeslariak taula-gainean, nahiz eta momentu batzuetan akats nabarmenak egin. Adibidez, Violettak, hilzorian zegoenean, publikoari bizkarra emanez kantatu zuen eta, horren ondorioz, detailerik gabe entzun zen bere aria (pena). Elena Zolova sopranoak Violetta sentitua egin zuen. Hirugarren ekitaldiko Addio del passato aria, beste batzuen artean, zinez hunkigarria iritsi zitzaigun. Victor Mendelev tenoreak ere momentu distiratsuak izan zituen, De miei bollenti spiriti arian bezala. Baina txalo guztiak eraman zituena, dudarik gabe, Valerii Khraponov baritonoa izan zen. Giorgio Germonten papera egin zuen (Alfredoren aita) eta uneoro seguru-seguru abestu zuen, tinbre garbi eta orekatua erakutsiz. Rostoveko orkestra, Mikhail Pabuzinen batutapean, doitasunez aritu zen, nahiz eta batzuetan ahotsak zapaldu.
news
argia-543f49e9609f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/eitbko-eztabaida-saioak.html
Emakumeak jokoz kanpo
Miren Osa Galdona
2018-04-15 00:00:00
Emakumeak jokoz kanpo Oso boladan daude, iritzi sortzaile indartsuak dira: irrati-telebistetako tertulia saioez ari gara. Hitz eta pitz aritzen dira, makina bat gaiez, sarri elkarri hitza kentzen eta ahotsa goratzen. Solaskideen artean nabarmen gailentzen dira gizonezkoak. Datuak EHUko ikertalde batek eskaini ditu. ARGIAk hainbat tertuliakide eta aurkezleren iritzia jaso du. Zergatik gonbidatzen dituzte hain emakume gutxi? Eta zergatik esan ohi diete emakumeek ezetz gonbidapenei? Zer egin daiteke desoreka konpontzeko? "Tertuliakide izateari utzi nion, oso zaila delako emakume izanda hor egotea, eta are gehiago irakurketa feminista egin nahi baduzu", Zuriñe Rodriguez kazetariaren hitzak dira. Urte batzuetan telebista nahiz irratietako solaskide ibili ostean, jarduna albo batean uztea erabaki zuen. Datuek diote EITBn eztabaida saioetan egotea ez dela erraza, ezta ohikoa ere: EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikertaldeak emandako datuen arabera , irratiko tertulietan, esaterako, emakumeen presentzia ez da heltzen heren batera ere, eta ohikoak dira emakumerik gabeko solasaldiak. Telebistan emakumeen parte-hartzea %35,5ekoa izan zen 2017ko azaroan eta urte berriarekin batera datuak ez dira asko aldatu. El Programa de Klaudio saioa esaterako, parekidetasunetik oso urruti dago: emakumeen parte-hartzea %26,81 da, eta normalean emakume batek eta bost gizonek osaturiko mahai-inguruak egiten dituzte. Rodriguezek bere bizipenetan oinarritu du zergatietako bat: kuota hutsa izatearen sentsazioa; ustezko berdintasuna erakusteko emakume-objektu izatearen sentipena. Ez da emakumeen ikusezintasunaren kausa bakarra: "Emakumeok ez gaude EITBko tertulietan eta normaltzat hartzen da gainera", dio Arantza Gutierrez EHUko irakasle eta ikertzaileak. Bizi garen sistema patriarkalak emakumeari esleitu dizkion jokaerak zeintzuk diren kontuan izanda, euskal hedabide publikoan horiek nola gauzatzen diren aztertu dute EHUko hiru irakaslek. Solasaldi politikoak hartu dituzte lagintzat Iratxe Fresnedak, Itxaso Fernandezek eta Arantza Gutierrezek. Mahai-inguruetako eztabaidetan fokua jartzearen arrazoia argi du Gutierrezek: "Gaur egun informazio asko dugu eta jendeak ez ditu egunkariak irakurtzen. Tertuliek zertaz hitz egin behar dugun erabakitzen dute". Eztabaida horietan, ordea, emakumerik ez egotea ohiko joera zela ohartu ziren eta erne jarri ziren. "Tertulia ugari daude, baina emakumeek ez dute hitzik. Ez gaude hedabideetan eta horrek esan nahi du ez gaudela ikusgai". Guztiaren gainetik ikuspegi androzentrista gailentzen dela atera dute ondorio. Dena dela, puzzle honen alde bakoitzak erantzukizunaren zati bat duela berretsi du eta badela garaia bakoitzak zein ardura duen argi izateko. Norbanakoaren ardura 2016ko azaroan hasi eta 2017ko hilabete berean jo zuten amaitutzat lehen ikerketa. Denbora tarte horretan EITBk eskaintzen zituen parrillako tertulia programa guztiak aztertu zituzten, irrati eta telebistakoak. Urte berriarekin batera lanean jarraitu dute eta euren webguneko azken datuen arabera, EITBk ez du tendentzia aldatu. Ikerketaren arabera, 4/2005 Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legean ezartzen diren baldintzak bi saiok baino ez dituzte bete urteko lehen 31 egunetan. ETB1eko Ahoz Aho saioan emakumeen parte-hartzea %47,22 izan da eta ETB2ko En Jake -n %40,68. Pilar Kaltzada, solaskidea: "Konfrontazio kodea oso maskulinoa da. Botere borroka da eta tradizionalki gizonak borrokarako daude hezita. Orduan, normala da emakumea deseroso sentitzea; ni neu hala sentitzen naiz" Pilar Kaltzadak (Donostia, 1970) denbora "dezente" darama kolaboratzen irratian eta telebistan. Oro har, bera egon den saioek "kezka" adierazi izan dutela nabarmendu du. Hau da, emakumeen eta gizonen hitza maila berean eman dadin lanketa egin dela lantalde horietan. "Zenbait kasutan argiagoa izan arren, orokorrean kezka antzeman dut. Emakume gehiago sartzearen aldeko jarrera zutenak ere badira; berdintasunaren marra gainditu eta hortik gora jotzen dutenak". Azken urteotan kezka barneratzea lortu dela dio, baina bertan ainguratuta geratzeak ezer gutxirako balio duela eta aurrerapauso bat eman behar dela dio. "Kezka badago buruan, baina lortzen ez denean badirudi ez dela ezer gertatzen; ez dago oinarrizko irizpiderik eta saiakera hutsean geratzea ondo ikusia dago". Amaia Cayero (Gatika, 1984) Ahoz Aho ko aurkezleak bat egiten du Kaltzadak dioen jarrera aldaketarekin. Aldiz, bere saioan interes komun batetik abiatzen direla dio eta, azken emaitza saio parekidea izatea "berez" irteten zaien zerbait dela. "Lehen minututik azkenera arte berdintasuna bermatzen ahalegintzen gara".  Kanpora begirako ariketa baino, berdintasunaren erronka barne lanketa moduan hartzen dutela dio Cayerok. Hala ere, "esfortzua" dela onartu du; baietza ematen duen emakume bakoitzeko lau gizoni ukatu behar baitzaie gonbita. Asteroko plangintza bere gain dago, eta "erabateko" ardura duela dio tertuliakideak aukeratzeko orduan. "Ez da soilik zenbat emakume dauden mahaiaren inguruan, eguneko gaia zein den ere zehaztea garrantzitsua da eta gure saioan berdin-berdin heltzen diote gaiari gizon nahiz emakumeek", adierazi du Cayerok. Emakumeak ez badaude, gai batzuez aritzeak "ez duela zentzurik" jakitun da Dani Alvarez (Bilbo, 1977) Radio Euskadiko Boulevard irratsaioko aurkezle eta zuzendaria. EHUko ikerketak zehazten duenez, emakumeen presentzia ez da heltzen heren batera irratiko Faktoria , Boulevard eta Ganbara saioetan. Alvarezen saioan, emakumeen parte-hartzea %21,9 da, otsaileko datuak aintzat hartuta. "Arazo handia" dagoela jakitun, faktore asko aipatu ditu Alvarezek: irizpide jakin batzuei jarraitu beharra, alderdi politikoek bidaltzen dituzten bozeramaileak gizonezkoak ei direla eta joko-zelaia oso mugatua dela. "Hainbat emakumeri deitu izan diogu, aditu diren aldetik, eta ezetza jaso dugu. Badakite erreferenteak direla, baina ez dute hitz egin nahi. Hor ezer gutxi egin dezaket". Klaudio Landak ETB2n aurkezten duen arratsaldeko tertulia da emakume portzentaje gutxienetakoa izaten duena. Ezetzaren itzala Bada, zer dago ezezkoaren atzean? Nori jartzen zaio ezetzaren zama? Dani Alvarezek bederatzi urte daramatza irratian eta bi joera nagusi antzeman ditu: bata, ordutegia dela eta – Boulevard saioa goizean izaten da– emakumeak "baldintzatuta" daudela dio, haurrak eskolara eraman behar dituztelako, besteak beste. Bestea, emakumeak ez daudela prest edozer gairi buruz hitz egiteko. "Gai espezifikoak badira baietz esaten dizute baina solasaldi orokor baterako, aldiz, ezetz". Honekin lotuta, pisua emakumeengan uztea ohiko joera dela dio Kaltzadak. "Ez bagaude ez gaudelako eta bagaude bagaudelako". Emakume batek norbanakotik hitz egiten duenean, emakume guztien ordezkari gisa ariko balitz bezala sentitzea ohikoa dela dio. Kontziliazioak ere zuzenean eragiten du; zaintza lanak eta familia noren gain dauden begiratzea baino ez dago. Azkenik, eztabaidak elkarrizketa kodean baino konfrontazio kodean ematen direla nabarmendu du Kaltzadak: "Konfrontazio kodea oso maskulinoa da. Botere borroka da eta tradizionalki gizonak borrokarako daude hezita. Orduan, normala da emakumea deseroso sentitzea; ni neu hala sentitzen naiz". Ildo bera aipatzen du ikerketak eta Gutierrezek ere bat egiten du heziketaren faktorean. "Emakumeen arteko sareak horizontalak dira eta segurtasun eza adierazteko hezi izan gaituzte. Hau da, normalean gure artean hitza hartzeko txandak errespetatu egiten dira, baina gizonen munduan sartzean ohartzen zara beraiekin ezin duzula berdin jokatu, ikusezin bilakatzen baitzara". Zuriñe Rodriguezek badaki zerbait horretaz eta arrakalak aprobetxatu behar direla dio hitza hartzeko: "Niri etsai giroko eremua iruditzen zait. Normalean bi emakume edo bakarra egoten dira eztabaidan eta gizonei hitza kentzea oso zaila da. Emakume gehiagok parte hartzen duten espazioetan erosoago sentitzen naiz. Telebistan batez ere, espektakulua bilatzen dute, ez egingo duzun ekarpena".  Goikoa ez da ohiko argazkia, bi emakume eta gizon bat hizketan. Boulevard saioko solasaldian emakumeen parte-hartzea ez da heltzen herenera. Otsaileko datua %21,9 izan da. Gizonek eta gizonentzako formatuak Eztabaida-formatu tradizionalak dira egungo telebista eta irrati tertuliak. Aurkezleak gai bat proposatzen die eta kolaboratzaileek bere iritzia ematen dute, batak bestearen atzetik. Azken aldian ugaritu egin dira, baina emakumeen parte-hartzeak ez du bide bera jarraitu: 2017/2018 denboraldiko lehen hiru hilabeteetan –iraila, urria, azaroa– orotara 166 pertsona pasa dira zazpi tertulia programetatik, horietatik 59 izan dira emakumezkoak (%35,5). Hainbat kasutan emakume bera ibili da tertuliaz tertulia. Alvarezek ez du uste egungo solasaldiek euren funtzioa betetzen dutenik. Alde batetik, gai asko lantzen direlako eta bestetik, gehienbat telebistan, eztabaidak "kontrolaezinak" bilakatu direlako. Ikuskizuna lehenetsi da, edukiaren aurretik eta hedabide publiko batek "beste balore batzuk" landu beharko lituzkeela iritzi du Kaltzadak. "Bronka baldin badago, badirudi biziagoa dela baina beste faktore batzuk lehenetsi beharko genituzke ikusle moduan". Euskarazko saioek dituzte berdintasunaren alorrean daturik onenak. Zergatia bilatzeko beste ikerketa bat beharko litzateke, baina Kaltzada eta Cayerok bat egin dute Ahoz Aho ko eztabaidetan dagoen erritmoaz galdegindakoan: bertara doazen kolaboratzaileek kontzientzia bat dute emakumeen ikusgarritasunaz eta oro har, elkarrekiko errespetua dago oinarrian. Dena dela, saioak duen formatua eta emakumeek duten parte-hartzea erabat lotuta daudela uste dute. "Gaiarekiko sentikorragoak garelako izan daiteke, baina hori ere oso adierazle ona da", dio Kaltzadak.   Arantza Gutierrez, EHUko ikerlaria: "Gizonezko tertuliakideek emakumerik gabeko mahaietan esertzea baztertu beharko lukete" Rodriguezek dio telebistako tertulien formatua "patriarkala" dela eta gaiei begiratu baino ez dela egin behar hortaz ohartzeko. "Emakume feminista bezala, teorian emakumeonak diren gaiei buruz galdegingo didate: zaintza lanak, kontziliazioa, martxoaren 8ko balorazioa egiteko… Gai 'garrantzitsuez', ordea, gizonek hitz egiten dute: kontzertu ekonomikoa, politika, langabezia… Hori ere indarkeria da eta eztabaidetan kuota hutsa garenaren sentsazioa indartu baino ez du egiten". Egoerari buelta emateko formakuntza funtsezkoa dela nabarmendu dute ikertzaileek eta bide horretan EITBk barne lanketa sakona egin beharko lukeela. "Hedabide publiko gisa, EITBk zaindu egin behar du edukiei ematen dien trataera. Langileei hizkuntza ez sexistaren inguruko ezagutzak ematea, adibidez, gaur egun oinarrizkoa izan beharko litzateke", adierazi du Arantza Gutierrezek. Rodriguezek ere uste du euskal hedabide publikoan protokolo baten beharra dagoela, dagoena langileentzat baino ez baita eta kolaboratzaileak "babesik gabe" baitaude. "Ni askotan objektu sentitu naiz eta hori indarkeria matxista da. Babesten gaituen neurririk ez dagoenez, ez da salatzen baina ziur nago askori pasa zaiela". Ez da kasu bakarra: Pilar Kaltzadak ere pairatu ditu ondorioak. Adibide gisa, behin tertulia batetik atera eta zuzenean masaje-emailearengana joan zela kontatu du, giharretan zeraman tentsioa askatzera. Emakume solaskideek kalte psikologiko eta fisikoak jasaten dituzte. Ikerketaren hipotesietako bat da hori, eta testigantzok hipotesia egiaztatzen dute.   Tertulia politikoetan aldaketa integrala emateko borondatea funtsezkoa da. Gizartearen egungo egoeraren isla dela nabarmendu du Gutierrezek. Hau da, beste esparru batzuetan bezala, gizonek dute aginte makila eta emakumeak botere horren baitan daude. Dani Alvarezek uste du aldaketa goitik beherakoa izan behar dela; EITBk egungo planteamendua berrikusi eta eredu berriak sortu beharko lituzkeela; egunerokotasunean, eskura dituzten baliabideekin, parekidetasuna lortzea zaila dela argudiatuta. Amaia Cayerok, aldiz, eguneroko jardunean jartzen du fokua eta emakume tertuliakideak lortzeko tematu egin behar dela nabarmendu du. Beharbada, aurkezle, editore eta produkzioko arduradunek erosotasunetik edo ohiko jokaeretatik atera beharko lukete berdintasunetik gertuago egoteko. Alvarezek zaila ikusten du "betikoei" ez deitzea eta erosotasun horretan ez erortzea. Eztabaida politikoen egitura aldatzea lan konplexua dela dio Zuriñe Rodriguezek. Hedabideek azken hitza badute ere eta beraien espazioetan nork hitz egingo duen erabakitzeko gaitasuna duten arren, zuzenean eragiten duten beste faktore batzuk badirela nabarmendu du. Adibidez, ideologia ezkertiarreko hedabide nahiz alderdiek hartu beharko luketen jarrera: "Feminismoaren aldeko hedabide eta alderdiak badira, bidal ditzatela emakumezkoak gizonezkoen ordez hitz egitera. Hori beraien esku dago". Alvarezek, aldiz, emakumeengan jarri du ardura eta tertulietan hitz egitera ausartu beharko liratekeela azpimarratu du. Emakunderi ere bide honetan lagundu dezala eskatu dio, erreferenteak izan daitezkeen emakumeen zerrenda osatzen. Arantza Gutierrez ikertzaileak ere uste du ardura ez dela emakumeena soilik. "Gizonezko tertuliakideek isildu egin beharko lukete emakumeei ahotsa emateko eta emakumerik gabeko mahaietan esertzea baztertu beharko lukete".
news
argia-6bd3910a68e6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/wild-wild-country-telesail-dokumentala.html
Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko!
Gaizka Izagirre
2018-04-15 00:00:00
Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko! Netflix plataforma digitalak telesail berri bat estreinatzen duen bakoitzean (Stranger Things, Narcos, Black Mirror…) sekulako ikusmina sortzeko gaitasuna lortu du. Katalogoan ekoizpen propioko film bat sartzen dutenean ere (Annihilation, Okja…), mundu osoa adi egoten da. Baina dokumentalak txertatzen dituztenean, ostrazismoan erortzeko arrisku handia duten lanak bihurtzen dira, promozio kanpainetatik kanpo uzten dituztelako gehienetan eta edukien zerrenda potoloak betetzeko baino ez direlako izaten. Horregatik, nire esku dagoen guztia egingo dut, orain aste batzuk estreinatu zuten Wild Wild Country telesail-dokumental sinestezina ezagutzera emateko. Telesailaren lehen minutuek 1980ko hamarkadara garamatzate, Oregonen (AEB) dagoen Antelope herrixka aurkezteko. 40 biztanle inguru dituen zonaldea da eta pertsona ugarik, bizitza osoa lanean aritu ondoren, zahartzaroko azken urteak lasai igarotzeko aukeratzen duen helmuga. Baina zurrumurru arraro bat zabaltzen den unean, lasaitasun hori eten egingo da –eta nola gainera!–. Rolls-Royce baten gainean, oso garrantzitsua –eta diruduna– den tipo Indiar bat azalduko dela diote, alboko 30.000 hektarea erosi eta bertan ehunka eraikin eta etxebizitza eraikitzen hasiko dena. Hori entzun eta segundo gutxira, herrixka goitik behera gorriz jantzita doazen ehunka pertsonaz betetzen hasiko da eta, atzetik, aipaturiko Rolls-Royce zuria. Antelopen gertatzear den etorrera horrek zurrunbiloa eragingo du, sinestea kostatuko zaizun ehunka gertaeraz betea. AEBetako historiaren pasarte bitxi bat azaltzen du ekoizpen honek: lider espiritual baten jarraitzaileek Oregongo lurretan beraien hiria eraiki zutenekoa Chapman eta Maclain Way-k zuzenduriko eta sei atalez osaturiko lan liluragarri honek AEBetako historiaren pasarte bitxi bat azaltzen du, mundu osoa ustekabean harrapatu zuen gertaera harrigarria: Bhagwan Shree Rajneesh lider espiritualak eta bere sektaren jarraitzaileek Oregongo lurretan beraien hiria eraiki zutenekoa, baita gerora eragingo zituen ondorio ikaragarri, basati eta ilunak ere. Hainbat hilketa leporatu zizkieten, espioitza kasuak, baita hauteskundeak irabazteko intentzioz bio-terrorismo atentatu bat ere, besteak beste. Benetako kasu batean oinarritzeak abantaila asko izaten ditu, baina baita kontakizunaren gurpiletan balaztak jar ditzakeen hainbat arazo ere. Artxibo irudiak ez edukitzeak, adibidez, gertaeren birsortze kaxkarrak errodatzea eragiten du askotan, osotasunari sinesgarritasun apur bat kenduz. Kasu honetan, ahulezia gehienak sendotzen jakin izan dute, suspense ariketa paregabea sortuz. Beharrezkoak diren birsortze horietako batzuk azaltzeko, adibidez, animaziozko sekuentzia argigarriak erabili dituzte, garai hartako protagonista izan ziren pertsonaien elkarrizketak tartekatuz. Gainerakoa, artxibo irudi ikaragarriek mamitzen dute. Dokumentalaren hasierako minutuetan iragartzen den krimenari heldu aurretik, esaterako, 1960ko hamarkadaraino birbobinatu eta lilura horren zergatia azaltzen saiatu dira: erreferente sozial eta politiko ezagun guztiak zalantzan jartzen ziren garai horretan, Bhagwan hizlari eta filantropoa bere herriko "rock-izar" moduko norbait nola bilakatu zen erakutsiko digu eta nola lortu zuen atzerriko milaka pertsonaren bihotza –eta burua– konkistatzea. Bat-batean, oso ongi ulertzen ez zuten mezu horrekin bat egin zuten milaka pertsona azaldu ziren, kontrakulturaren edozein mugimenduren parte izateko irrikaz zeudelako batik bat. Une horretatik aurrera azalduko da hain garrantzitsua izango den Sheela, zeina Osho-ren –Bhagwan Shree Rajneesh-en ezizena– idazkaria zen eta aurrerago azalduko den diasporaren erantzule nagusia. Gatazka, pertsonaia xelebreak eta istorio sendoa edukitzeaz gain, egileek asmatu dute kontakizunarekin, materiala primeran antolatuz Wild Wild Country telesail-dokumentalak meritu ugari duela uste dut. Sekulako balioa duen material originala ikusteko aukera eskaintzen duelako, baina batez ere, istorio gorabeheratsu honetako inplikatu gehienek une bakoitzean izandako erantzukizuna azaltzen saiatzen delako. Sortzaileek erabateko inpartzialtasuna erakutsi nahi izan dute; eta hori, era honetako istorio batean, eskertzekoa da: ikuslearen esku dago zein aldetan kokatu, nahiz eta gehienetan irudiek adierazten dutenarekin zalantzarik ez izan. Pentsatuko duzue gatazka, pertsonaia xelebreak eta istorio sendo bat izatea abantaila ugari edukitzea dela ekoizpenaren alde arraun egiteko. Bai eta ez. Onerako eta txarrerako, material hori guztia non, nola eta zergatik moztu eta banatu ezinbesteko alderdi bilakatzen delako; baina horretan ere ez dira herren geratu, informazio guzti hori era burutsuan antolatzen jakin izan duten gidoilari eta muntatzaile paregabeak izan dituztelako. Ez hori bakarrik: iragana eta oraina erakusten duen Adam Stoneren argazki zuzendaritza trebeak eta une batzuetan azaltzen den Brocker Wayren musikalizazio ironikoak ere asko laguntzen diote ikusleari zentzuzko ikuspuntu bat ematen istorio konplexu, mingarri eta une batzuetan triste honi. Dokumental formatuan kontatzea erabaki duten benetako historia izanik, paregabea iruditu zait, harrigarria, bikaina. Istorio berbera fikziozko film batean ikusi izan banu, asmaturiko gidoi bat tarteko, zentzurik gabeko istorio aldrebes eta sinesgaitza dela pentsatuko nukeen. Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko!
news
argia-7760d4e52d3c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/hezkuntzarako-iratzargailua.html
Hezkuntzarako iratzargailua
Andoni Mujika
2018-04-15 00:00:00
Hezkuntzarako iratzargailua Batzuetan gertatzen da diagnostiko kolektibo batzuk, ardura eragiten diguten arren, desaktibatu egiten direla. Lozorroan sartzen dira. Hezkuntzaren kalitatearekin ere horixe gertatzen zaigulakoan nago, erdi-geldi jarraitzen dugu. Horren seinale batzuk dira: irakasle dezenteren desmotibazioa, zenbait ikasleren ikasketetarako gogo-eza, administrazioaren rol lausoa edota gurasoen hezkuntzarekiko kezka. Zantzu horiek zuzenak balira uste dut irtenbidea ere aktore horien eskuetan legokeela. Eta batez ere, administrazio, irakasle eta gurasoengan. Administraziotik hasita, hezkuntzaren kalitatera gerturatzeko zenbait ekinbide proposatu  lekioke. Lehena: berrikuntza pedagogikoa dela kalitaterako bide zuzenena. Administrazioak berak lideratuta edota berritze esperientzietan dihardutenak lagunduz egin daiteke. Bigarrenik, unibertsitatearen laguntzarekin, beste aldaketa sakon bat dago egiteko: irakaslearen estatusa jasotzea. Hori lortzeko irakaslegaien puntako formazioa bermatu behar da, eta horrez gain, etorkizuneko irakasle horri exigitu behar zaio hezitzaile-bokazio garbia. Hirugarrenik, berrikuntzarako nahitaezkoa den formazioa, zentroen hornikuntza eta ratioetan inbertsio handiagoa legoke. Eta amaitzeko, ikastetxeen gobernantza eta kudeaketa ereduaren berrikuspena, irudimenez eta ausardiaz. Irakasleak. Geu gara hezkuntzaren kalitate eta berrikuntzarako eragile erabakigarrienak. Funtzio hori betetzeko motibazioa eta bokazioa behar ditugu, eta inpresioa dut irakasle multzo bat ez dagoela lanean oso pozik. Irakaslea gogotsu ez badago ez du lanean bere onena emango, eta horrek lotura zuzena du eskaintzen den kalitatearekin. Esan daiteke motibazioa aktibatzeko proiektu pedagogiko eraldatzaile bat edukitzeak lagundu dezakeela. Ze uste dut gogo hori ez dela, dagoeneko, ordainsari handiago eta lan-ordu kopuru txikiagoekin pizten. Eta bokazioarekin, ba zera, egin daitekeen gauza bakarra da bereizgarri hori irakasle izateko hautua egin aurretik ekarri. Gurasoak. Zenbait zentzutan protagonismo askoz handiagoa behar dute ikastetxeetan. Izugarrizko ekarpena egin dezakete hezkuntza-kalitate terminotan eta hezkuntza-komunitatea artikulatzeko eta antolatzerako orduan.   Laburbilduta, hezkuntzaren kalitatera hurbiltzeko klabeak dira: lehenengo, irakasleen motibazioa eta bokazioa; horrekin batera, berrikuntza pedagogikoa, proiektua; baita irakaslearen estatusa eta formazioa jasotzea ere. Bestetik, gurasoen parte-hartzea; horrez gain, inbertsioak eta ratio egokiak izatea, eta amaitzeko, zentroen ahalduntzea eta gobernantza eredu autonomoagoak.
news
argia-9b442f8ca90b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/super-carles.html
Super Carles
Itxaro Borda
2018-04-15 00:00:00
Super Carles Begia tai gabe luzatzen dugu Katalunia aldera. Zertan dugu Puigdemont? Ematen du xake partida erraldoia eramaten duela bere burua sakrifikatuz, preso edo erbestean diren beste bere hamar abentura independentista lagunen gisara. Com si fos ahir telesailaren antzeko kulebroia da Kataluniako afera. Eskerrak Polonia emankizunak dirauela eta Messik Barça salbatuko duela. Ez dakit konturatzen garenez zein neurritarainoko krimen sinbolikoa egin zuten iragan urriaren 27an Errepublika aldarrikatuz lauzpabost segundoz. Espainiaren erregetiar funtsa zalantzan eman zen eta frankismoarekiko zilbor hertzea ebakitzear utzi. Aitaren hiltzea bezalako eginkizuna zitekeen eta hori Madrilek ez die barkatzen. Errepublika eta Espainia ideiak ez dira (oraino)  uztargarri eta hondar berrehun urteotan errepublikazaleak dira beti gaztigatu, gerra zibil ugarien karietara. Carles Puigdemontek, europar kartzelaren baten zokotik edo egun oroz agurtzen dudan Gregorio adiskide zahar errepublikazale amorratuak, papoan daraman hiru koloredun banderaren pin'sarekin, aldarrikatzen dutenak oihal bera iruten dute.
news
argia-920bdb280e09
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/herenamamak.html
Herenamamak
June Fern�ndez
2018-04-15 00:00:00
Herenamamak Sekretu bat aitortu behar dizuet: nire bigarren abizena Casete da. Bai, Casete, zintak bezalaxe, baina "s" eta "t" bakar batekin. Lagun eta senide askok abizen bitxi hori armairutik ateratzera animatu naute, baina alferrik da. Oraindik ere nire baitan iseken beldur den nerabearen erreguak entzun ditzaket. Hori dela eta, kostatuko zaizue nire bigarren abizenaren arrasto publikoren bat topatzea. 2012an salbuespen bat egin nuen, "cassete" zinten sorkuntzaren 50. urteurrena ospatzen zela jakin nuenean.     Garai horretako nire blogean artikulu bat idatzi nuen eta Radio Euskadiko kazetari batek irakurri eta elkarrizketa egin zidan. Nire aitite, Isidro Casete, harro-harro sentitu zen. Zintek nire bizitzan izandako garrantziak nahikoa izan behar luke abizena aldarrikatzeko. Kazetari –cassettari– bokazioa neukanaren lehenengo froga, 6 urterekin nire amamaren etxean radiocassetearekin grabatutako irratsaio bat da. 8 urterekin Bizkaia Irratian lehiaketa bat irabazi nuen eta oparitzen zuten radiocassettean grabatzen nituen Euskadi Gazteako nire abesti kuttunak. Alabaina, Boirora uda-pasan nengoenean soilik sentitzen nintzen Casete abizenaz harro. Casete familia oso gustuko nuen: zaratatsuak, parranda zaleak, lirainak, herrian oso ezagunak ziren. Aititek beti kontatzen du bere aitak, Ventura Casete zapatari galiziarrak, ironiaz erantzun ziola zinten jaiotzari: "Hara! Orain merke saltzen gaituzte!". Ordura arte, kutsu frantseseko abizen arraro bat baino ez zen, akitaniarra, izeko baten ikerketaren arabera. Egun abizen "vintage" bihurtu da. Nire lehengusu gazteenak ez du eskolan iseka gehiegirik pairatu; askoz jota, mp3 formatura migratu beharko duela. Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, soilik 28 lagunok daramagu abizen hori. Zintak bezala, guk ere iraungitze-data daukagu. Txikitan nire abizenen zerrenda ikasten ari nintzela –abizen euskaldunen arrastorik ez;  "Casete, hori bai abizen egokia maketa batentzat!", esan zidan lagun batek behin– jakin nuen birraititeren izena Ventura Casete Casete zela. Pletina bikoitza! Bere ama ezkongabea izan zen. Betidanik imajinatu nuen gizon lotsagaberen batek haurdun utzi zuela eta ardura ez zuela hartu  Tira, cassetteak bezala "enroilatu" naiz, baina azalpen hau ematea beharrezkoa nuen hurrengo istorioa kontatu ahal izateko. Txikitan nire abizenen zerrenda ikasten ari nintzela –abizen euskaldunen arrastorik ez; "Casete, hori bai abizen egokia maketa batentzat!", esan zidan lagun batek behin– jakin nuen birraititeren izena Ventura Casete Casete zela. Pletina bikoitza! Bere ama ezkongabea izan zen. Betidanik imajinatu nuen gizon lotsagaberen batek haurdun utzi zuela eta ardura ez zuela hartu. Baina orain dela gutxi nire aititek egiazko bertsioa kontatu zidan: bere amamak –hau da, nire herenamamak– ez zuen emazte izateko bokaziorik; ezkondu ordez, lau ferianterekin lau seme-alaba izan zituen. Nire aititek bihurrikeriaren bat egiten zuenean eta bere amamak "zer egin duzu, Isidro?" esanez errieta egiten zionean, Isidrok maltzurki erantzuten zion: "Eta zuk, amama, zuk zer egin duzu?". Gabonetan gogora ekarri nuenean, aititek zera argitu zidan: pasadizo horren protagonista ez zen Ventura Casete Caseteren ama, bere amaldeko amama baizik. Ea korapilo honekin galtzen ez zareten: Isidroren bi amamak izan ziren ezkongabeak! Eta biak erabaki propioz! Edo, gutxienez, halaxe gogoratzen du nire aititek. Nolabait, familiako moral arauen urraketen historia nire amarekin hasten zela uste nuen; 1980ko hamarkadan ezkontza zibila ospatu eta ondoren dibortziatu baitzen. Amama, birramama eta herenamamen bizitzak imajinatzen nituenean, ez nuen errebeldia izpirik susmatzen. Aurreiritzi hori apurtu izana ere izan daiteke nire abizen guztiak, nire arbaso guztiak, aldarrikatzeko arrazoi eder bat.
news
argia-24e62d76f143
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/defentsak-107-pentsioek-025.html
Defentsak %10,7; pentsioek %0,25
Juan Mari Arregi
2018-04-15 00:00:00
Defentsak %10,7; pentsioek %0,25 Gobernu batek aurkezten dituen Aurrekontu Orokorrak bere balio sistemaren eta ideologiaren ispilu izan ohi dira. Espainiako Estatuaren kasuan –Hego euskal herritarrei ere eragiten die–, oso ongi islatzen du balioen sistema hori: kapitalaren eta AEBak bezalako potentzia handien zerbitzura dagoen gobernu neoliberala da, NATO erakunde militarrari gero eta ekarpen handiagoa egiten diona. Aurrez aurre jartzen baditugu gastu militarrarentzako igoerak eta pentsioenak, dena esanda dago. Defentsaren aurrekontua gehien haziko den bigarrena da eta 8.453 milioi euro dakartza, hau da, 819 milioi gehiago –%10,7 igoko da aurten–. Aldiz, pentsioek %0,25eko igoera hutsala baizik ez dute izango. Mobilizazioen ondoren, gutxieneko pentsioak apur bat igoko dira… eta segituko dute hutsalak izaten. Eskandalua larriagoa da, aurrekontuen egileek, Rajoy eta bere ministroek hala nola diputatu eta senatariek, soldata %1,5 igoko baitute. Euren balioak agerian geratzen dira ere, haurren pobreziaren kontrako partidarekin: agindutako 1.500 milioi euroak murriztu dituzte 346 milioira. Gauza bera gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko %0,5eko igoera ziztrina ikusita: 19,74 milioi euro besterik ez ziren 2017an eta 19,84 milioi izango dira 2018an. Errege Etxearen aurrekontua %0,9 igoko da –ia zortzi milioi euro–, Estatuko Kontseiluarena %4,9… Eta Auzitegi Goreneko eta Konstituzio Auzitegiko presidenteek jasoko dituzte Estatuko soldata handienak: lehenak 134.760 euro urtean, bigarrenak 149.007 euro. Estatuak badaki ongi pagatzen bere politiken inguruan erabaki behar dutenei. Logikoa da miserableki hartu izan diren pentsionistek kalean oihukatzea: "Ez da dirua falta, lapurrak daude soberan!".
news
argia-5566f6c0ee50
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/bi-urterik-behin.html
Bi urterik behin
Igor Estankona
2018-04-15 00:00:00
Bi urterik behin Beatriz Chivite bere ohiko argitasunagaz dator Biennale (Erein, 2017) honekin, Blas de Otero Bilboko Uria IX. poesia lehiaketa irabazi ondotik. Bere betiko argitasuna da ilargiarena, zeharka jasotako eta biderkaturik emandako irudien jokoa: "Iraganean ezagutu ziren.// Eta orain,/ zeru berri honen/ kolore urdina/ elkarrekin begiratzen zuten/ ezezagun pare bat/ baino ez ziren". Ohikoa dela diot Pekineko kea (Pamiela, 2017) akordarazi didalako, ibilitako bideetatik eroan nauelako Beatriz Chivitek atzera. Liburu hartako negua, liburu hartako zuritasuna: "Kanalaren gainean,/ elurra./ Kristalaren aurrean,/ argi txuria". Berriro liburu hartako irudi handi txikiak… Pekineko kea bikainaren gainean esan nuena errepikatuko dut beraz, Biennale delako uzta bereko ardoa, idazkera jori eta joskera arin berberaz ondua. Freskoa, iradokitzailea, interesgarria. Agian arean motelagoa. Eta agian liburu honetan gehiago sakontzen du ekibokoan eta misterioan, zentzu desberdinak har ditzaketen kontzeptuetan: "Itsasertzean distira egiten duen harria/ nire poltsikoan/ iluntzen da". Harri batek bere umeltasuna galdu eta zelan itzaltzen den deskribatzerakoan aukeratu duen hiztegiak bihurtzen du eszena hain iradokitzaile. Konposizioen finezia beraz agerikoa da, Chiviteren marka. Beraz ezagutzen diogun mutazioenganako gustua, klasikotasunak leundua, nabarmena da lan honetan ere. Eta lehenaldiko argazkiak polaroid argitsuen antzera dakartza: "Eguzkiaren azpian irakurtzen zenuen/ ni zume zuriaren azpian lotan/ hanka bat belarrean luzatuta/ bestea toalla arrosaren gainean". Ikuskari bateko kolore, ñabardura, proportzioez ohartzen den idazlea da hau. Badauka Biennale k hala ere, Pekineko kea- ren aldean, halako joera bat ertzak borobiltzeko. Ohartu naiz betelan gehiago dagoela lan honetan. Lehiaketetarako birziklatzen diren poema horiek, ebakitzaileegiak gerta ez daitezen kamusten diren ziriak, arinegi bezala amaitzen diren konposizio erdibidekoak… halabeharrez, antza, halakoak sartu zaizkio isilka Chiviteri Biennale -n, frogatuz bezala bi urterik behin agian bai, baina urtean bi aldiz zaila dela liburu beti bikain, beti perfektuki birfinduak ateratzea.
news
argia-7b578374219f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/kataluniatik-nafarroara.html
Kataluniatik Nafarroara
Enrike Diez de Ultzurrun Sagal�
2018-04-15 00:00:00
Kataluniatik Nafarroara Mediterraneoari begira idazten ari naiz, baina euskara barra-barra aditzen da inguruetan. Hizkuntzen gaineko kale-neurketa egitera, arras emaitza itxurosoa aterako litzateke. Pazko astea baita. Ikastetxeak itxita mugaz hegoaldeko lau lurraldeetan. Milaka familia euskaldun hondartza ondoko hoteletan, oinez, txirrinduaz lasterrean Behobiako kamiseta soinean… Nafarroako euskalgintzako zenbait aurpegi ezagun ere atseden hartzen. Itxuraz, dena bare. Xingola hori gutxi paparretan. Pankarta handia Cambrilsko udaletxeko balkoi nagusian: Llibertat presos politics. Esteladak zenbait etxetan. Espainiako bandera bat edo bertze. Ostalaritza arloa poz-pozik, bazterrak oro jendez gainezka egon baitira Aste Santuan, hau da, hotelak, jatetxeak, tabernak eta dendak; aspaldiko partez, gainera. Madrilgo hedabideei kasu egitera, ordea, iduri lezake Monegroetan baino jende gutxiago ibili dela. Alkate andrea Esquerrakoa, PDeCat eta PSCrekin gobernu taldean. C´s-k bi zinegotzi. Joan den abenduko hauteskundeetan, Arrimadasen taldea lehen indarra, eta inkesten arabera, garaile ere Estatuan, espainiar nazioaren aldeko mezuak bulkaturik, Kataluniako aferari erantzunez. Estatuko joera politikoek eragin handia izan ohi dute Nafarroan, eta Espainiaren batasunaren aldeko mezuek jarraitzaile aunitz bildu izan dituzte beti. Ez, ordea –dirudienez–, duela 30-35 urte bezainbertze. Konparazio batera, Iruñeko balkoiak Espainiako banderez josiak egonen ziren duela hiruzpalau hamarkada, Kataluniako gertakarien haritik, orain Zaragozan egon diren bezala. Oraingo honetan, bai, egia da, bandera hori-gorri aunitz agertu dira nafar hiriburuan, baina ez da horrenbertzerako izan. Nafarroako Ahal Dugun gertatu den gerra latza, hondagarria. Hori bai oparia UPNrentzat. Zenbaitek uste dute ez dagoela deus egiterik eta aldaketaren gobernuarenak egin duela Dena den, kanpo-faktore berri hori kontuan hartu beharko da nahitaez heldu den urteko hauteskundeei begira. Aurrekoan, txiripaz ez zen sartu Ciudadanos nafar Parlamentuan, eta orain, itxura guztien arabera, Estatuko joerak hauspoturik, langa ederki gaindituko du. UPN eta PPren kaltetan bada, gaitz-erdi, baina ez dago hain garbi. Horrelakorik ez zen espero duela hiru urte aldaketaren gobernua abiarazi zenean, ezta Podemosen beherakada orokorra ere (inkesten arabera), eta are gutxiago, Nafarroako Ahal Dugun gertatu den gerra latza, hondagarria. Hori bai oparia UPNrentzat. Zenbaitek uste dute ez dagoela deus egiterik eta aldaketaren gobernuarenak egin duela. Argi dago UPNk, PSNk, PPk eta Ciudadanosek 26 egiten badute, Esparza izanen dela lehendakari. Baina aurrekoan, gauzak estu-estu egon ziren, eta hemendik urtebetera ere berdin. Faktoreak faktore, urtebete dago jendea berriz ere aldaketaren alde pizteko, eta Ahal Dugu bozkatutako jendearen botoa atxikitzeko. Horixe da erronka.
news
argia-8e0672211b9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/itziar-okariz.html
"Ulermena etengabeko diskriminazio prozesua da"
Nere Lujanbio
2018-04-15 00:00:00
"Ulermena etengabeko diskriminazio prozesua da" Bere lana batik bat performanceetan eta ekintzetan oinarritzen bada ere, eskulturarekin identifikatzen den artista da Itziar Okariz donostiarra. Donostiako Tabakaleran I Never Said Umbrella erakusketa du ikusgai, ekainaren 3ra bitarte. Tabakalerako erakusketaren izenburua David Bowieren kanta batekin izandako gaizki ulertu batetik omen dator. " I never said umbrella " abesten zenuen, berez, kantuak beste zerbait esaten zuela ohartu zinen arte. Zein da gazki-ulertuaren eta erakusketaren arteko lotura? Loturak hizkuntzaren izaerarekin du zerikusia. Hizkuntza prozesu oso konplexua da, ez da zuzena, ez da argia. Hau da, adierazle batek ez dauka esanahi zehatz bat eta bakarra, askoz ere malguagoa da. Gertatzen den prozesua zeharkakoa da. Igorleak asmo bat izan dezake, baina ezin du aurreikusi gertatuko dena –hartzaileak ulertuko duena–, gertatzen dena sarritan unean unekoa izaten baita. Zure lan askoren oinarrian dago hizkuntza, eta maiz aipatzen duzu hizkuntzaren materialtasuna. Gogoko dut materialtasunaren ideia. Eta oso garrantzitsua dela deritzot, gainera. Askotan ahaztu egiten dugu gauzen materialtasuna. Eta materialtasun hori adierazlea da, benetan. Zertaz ari naiz materialtasuna esaten dudanean? Adibidez, ni orain esaten ari naizen hitz hauek, nire ahots tonuarekin lotuta daude, eta nire ahots tonuak, esaten ari naizen honekin zuzenean loturarik ez duen informazio ugari eskaintzen du. Zeharkakoa da lotura hori. Nolabait irudi batean "eremuz kanpo" geratzen dena izango litzateke. Ikusten ez den arren, irudiak esaten duen hori guztia, alegia. Beraz, nire ahotsaren tonua, katarroa dudan ala ez, emakumea naizen ala ez… hori guztia nire tonuaren baitan dago, modu inplizituan. Eta hori hizkuntzaren materialtasunaren zati bat da. Beste zati bat izan daiteke, aurrean dudan esku hau, mugitzen ari naizena, orain bost behatzak zabalik dituena, lurrarekiko paraleloan dagoena, ia lerro horizontal bat marraztuz. Baina ia. Forma hori ere adierazlea da. Eta zuk, aurrean zauden horrek, hori guztia ulertzen duzu gertatzen denaren izaeraren baitan, eta gertatzen denaren materialtasunaren baitan. Elementu horiekin guztiekin lan egitea interesatzen zait komunikazio eta ulermen prozesuan gertatzen denaren konplexutasuna azaleratzeko.  Ulermen prozesu horretan diskriminazioak duen papera ere asko azpimarratzen duzu. "Igorleak asmo bat izan dezake, baina ezin du aurreikusi gertatuko dena" Oso-oso garrantzitsua da, bai. Eta oso argia da, adibidez, soinuaren kasuan. Orain hizketan ari garen leku honetan, esaterako, ez dago nire ahotsaz gain soinu askorik, baina gure arteko ulermena posible izan dadin inguruko hots guztiak diskriminatzen ari gara: kafetegian dagoen jendearen hotsak, argazki kameraren kliskatzea... hori guztia entzutea saihesten dugu, diskriminatu egiten dugu, gertatzen ari denaren zati bat ulertu ahal izateko, gertatzen ari denetik interesatzen zaigunarekin geratzeko. Ulermena etengabeko diskriminazio prozesu bat da. Berdin gertatzen da begiradarekin ere. Elkar ulertzeko prozesuan zentzu guztiekin gertatzen da berdintsu.  Tabakaleran ikusgai dagoen erakusketara itzuliz, azken bi hamarkadetako lanak jasotzen ditu, 1995etik hasi eta lehen aldiz aurkeztu diren lan berrietaraino. Zure ibilbidearen ikuspegi osoa eskaintzen duela esan genezake? Tira, erakusketa ere diskriminazio baten emaitza da. Ez du guztia hartzen, ezinezkoa litzateke, urte asko baitaramazkit lanean. Hautaketa subjektibo bat da Beatriz Herráez-en –erakusketaren komisarioa– eta nire artean egina. Azken bi lanen inguruan eraiki dugu – Ujjay eta Las estatuas –, bi horiek osatzen dute zutabe nagusia. Hautatutako gainontzeko lanak bi horiekin nolabaiteko loturaren bat dutelako hautatu ditugu. Esaldiak zentzu zehatz bat izan zezan. Beste pieza batzuk aukeratu genitzakeen eta, orduan, beste zentzu bat izango zukeen. Argazkia: Dani Blanco. Erakusketan bideo- eta soinu-instalazioak daude, baita hainbat performance eta ekintzaren transkripzioak ere, paperera eramanak. Lan guztiek edo gehienek ekintza bat dute abiapuntuan baina gero hainbat formatutara eramaten dituzu. Nola geratzen da "eraldatze" prozesu hori? Gertaera beti dago abiapuntuan. Gertaera adierazle bat dago lehenik, edo nik adierazletzat jotzen dudana, eta forma zehatz bat duena. Ondoren, hainbat forma hartu ditzake gertaera horrek bere buruaren berri emateko, hau da, hizkuntza bilakatzeko. Transkripzio batek hitzezko ekintza baten berri ematen du. Niretzat garrantzitsua da paperera igarotzen den horrek benetan gertatu den zerbaitekin, ekintza jakin batekin, lotura izatea. Ez dakit ziur zergatik, baina garrantzitsua da. Arauen urratzea, arau sozialak edo portaera arauak urratzea oso presente dago zure lanetan. Oso nabarmena da urraketa hori Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea sail ezagunean edo Eraikinak igoz lanean esaterako; baina baita aurkeztu berri duzun Las estatuas proiektuan ere. Azken horretan, hainbat museotan azaltzen zara eskulturekin hizketan. "Feminismoak elikatu nau eta mundua leku zehatz batetik ulertu dezadan ahalbidetu du. Modu sakonean dago txertatua nire lanean" Hemen, berriz ere, hizkuntzaren izaera da gakoa, abiapuntua. Arau bat daukazu, gauzak gertatu eta existitu daitezen funtsezkoa dena, eta gauzek zentzua izan dezaten ahalbidetzen duena. Hortik abiatuta, edozein gauza, edozein zeinu hartu eta apur bat mugitzen baduzu, arau hori desegituratzen ari zara, eta desegituraketa horretan, arau urraketa bat gertatzen da. Urraketa horrek askotariko formak izan ditzake. Pixa egitearena tabua da, adibidez, eta zentzu horretan, urraketa nabaria da. Baina urraketa hori esaldi batean hitz bat moztea baino larriagoa da, edo arinagoa? Azken finean, gauza bera da: arau bat hartu eta desorekatzen saiatzea, hain justu, araua bera begi-bistara ekartzeko, eta bere izaera ulertu ahal izateko. Arau horiek sarri sozialak, historikoak dira, kulturalki kokatuta daude… eta horrek zentzu bat dauka; askotan, zentzu politiko bat. Eta arau-urratze horietan zein pisu du emakume izateak? Ni, izaki bezala, ideologia batean hezi izan naiz, feminismoan, hain zuzen. Feminismoak elikatu nau eta mundua leku zehatz batetik ulertu dezadan ahalbidetu du. Hori guztia modu sakonean dago txertatua nire lanean, lan guztian, lan guztietan, modu inplizituan hor dago, izan "eremuz kanpo" edo "eremu barruan". Argazkia: Dani Blanco. Zein proiektu dituzu une honetan esku artean? Erakusketa honetan bi proiektu berri daude, forma hartu berri dutenak: Ujjay eta Las estatuas . Horiekin nabil lanean orain, beste forma batzuk bilatzen. Ujjay -rekin urte mordoa daramat lanean, etengabe porrot egiten. Nire ustez, oraingo hau izan da lehen aldia itxura egokia hartu duena. Ujjay yogako arnasketa bat da, "arnasketa ozeanikoa" esaten zaio. Arnasketa figuratibo bat da, entzuten duzunean ematen baitu itsasoa entzuten ari zarela. Figurazio bat dago hor, berez, ez datorrena bat arnasketaren materialtasunarekin. Aldi berean, "bat, bi, hiru, txoriak kaka egin du" jolasarekin ere badu lotura. Nolabait, kamera batek nola lan egiten duen ere erakusten du: kamerak irudia eta soinua grabatzen ditu, zuk kamera martxan jarri eta bisorea tapatzen baduzu, soinua grabatzen jarraitzen du, eta orduan, jolas moduko bat bilakatzen da. Dena den, orain arteko saiakerak erabateko porrota izan dira, porrota bata bestearen atzetik. Las estatuas hastapenean dago. Badakit baduela zer edo zer sakon-sakonean interesatzen zaidana. Bitxia da, hastapenek izan ohi dute zerbait freskoa, bizia, zuzena, ongi dagoena. Agian ez daude erabat garatuta, ondoren konplexutasunean irabazten dute, baina hastapenetako ezaugarri hori galdu egiten da. Azken urteotan sorkuntza lanaz gain lan pedagokikoan ere aritu zara. Zer garrantzi du esparru horrek? Oso garrantzitsua da. Nik asko lan egin izan dut pedagogiatik eta espazio pedagogikotan trebatu naiz neurri batean: unibertsitatean, Artelekun, Whitney Programme ere egin nuen New Yorken… Orain, ordea, pedagogiak guztia harrapatzen du. Etengabeko trebakuntza batean gaude, etengabe informatzen, sekula heldu izatera iritsi ezingo bagenu bezala. Gai konplexua da hau, politikoki konplexua. Lotura du, ezagutza immaterialarekin, eremu honetan mugitzen garen pertsonen prekarietatearekin. Eta, aldi berean, guretzat, eremu honetan mugitzen garenontzat, pisu afektibo handia ere badu. Eta erakundeak horretaz baliatzen dira; eta guk ere, era berean, onura ateratzen dugu hortik. Konplexua da, oso erraza baita pedagogiari gainbalio bat ezartzea, baina baita kentzea ere. Arduratu egiten nau pedagogiaren gainbalioak.
news
argia-9f308e3d3e6c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/ruperren-magia-ruper-gabe.html
Ruperren magia, Ruper gabe
Dabi Piedra
2018-04-15 00:00:00
Ruperren magia, Ruper gabe Dabilen harriari so. Azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat ikuskizunaren kronika. Martxoaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian. Loraldiaren baitako ekitaldia. Loraldiak euskal kulturaren mitoak omentzeko duen joerari eutsi dio 2018ko edizioan eta martxoaren 14ko gauean Ruper Ordorikaren txanda izan zen. Asteazkena izanik, publiko urria espero izango zuen norbaitek, baina kontrakoa izan zen: Kafe Antzokia lepo beteta, jende andana Ruperren abesti ezagun zein ezezagunak entzuteko desiatzen. Ruperrek badu magia berezi bat, haren gitarraren nota soil batek txinparta pizten du, "baietz nik ondokoak baino hobeto ezagutu kanta honen hitz guzti-guztiak". Baina, kasu, Ruperren gitarra ez zen Bilboko Kafe Antzokian izan. Ruper Ordorika ez baitzen azaldu Ruper Ordorikari eskainitako omenaldi-kontzertu-ikuskizun hartan. Bai, ordea, haren bidelagun izandakoak eta euskal musikaren panoramako ahots freskoak nahiz beteranoak. Bizpahiru pieza jo zituen bakoitzak, Ruperren abestien bertsioak denak, eta jendea aho zabalik utzi zuten. Musikariei lekua egin baino lehen, Fermin Etxegoien agertu zen oholtzan, "musikari domestikoen" ordezkari. Azken batean, nork ez du abestu noizbait Ruperren kantaren bat etxeko intimitatean? Musikarako dohain zalantzagarriak gorabehera, Etxegoienek publikoa berotzen jakin zuen, etortzeko zegoenerako. Ixiar Orejak berragerpen labur bezain intentsoa egin zuen, Bide Ertzean-eko kideek lagunduta eta Mikel Urakenen ahots distortsionatuak beste dimentsio batera eraman zuen Ruperren errepertorioa ( rupertorioa alegia). Ondoren, Pettik, Balerdi Balerdiko lagunekin, tabernariaren ikuspegitik aukeratutako hiru bertsio aurkeztu zituen: Lehenengoa goizean entzuteko egokia; bigarrena, bazkalosterako; hirugarrena, gauerako. Rock sendo hori, ahots sakona... Petti zen, bai, oholtza gainean, baina Ruper ere bai. Nahasketa bitxi bezain emankorra, jendearen erreakzio zalapartatsua entzunda. Miren Narbaizaren hiru bertsioek MICE proiektu berrirako landu duen estiloaz gozatzeko balio izan zuten. Arimadun estiloa, arimadun kantak interpretatzeko. Amaitzeko, Ken Zazpi igo zen agertokira. Eta bai, azkenean Zaindu maite duzun hori entzun genuen, inork zalantzarik bazuen. Ruperren kantak halako epikotasun batekin jo zituzten, Ken Zazpik ohi duen eran. Hala ere, gaueko animatzaile nagusia ez zen musikaria. Errespetuzko txaloz hartu zuen publikoak Bernardo Atxaga, eta gozamenezko burrunba batekin agurtu. Bere nobeletatik, oroitzapenetatik zein inguruko gertakarietatik itxurazko loturarik gabeko elementuak hartuta istorio zirikatzaile harrigarria osatu zuen, bizi-bizi, umorez. Noizean behin hitzaldia eten beharrean izan zen, publikoaren algarek eta oihuek kutsatuta. Ruperren kantak gogoan iltzatuta eraman genituen etxera, eta Atxagak piztutako irribarrea ahotik ezin ezabatuta.
news
argia-0f3893b677e8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/negozioen-sekretuak-babesteko-aitzakiaz-alerta-jotzaileak-mututu.html
'Negozioen sekretuak' babesteko aitzakiaz, alerta jotzaileak mututu
Pello Zubiria Kamino
2018-04-15 00:00:00
'Negozioen sekretuak' babesteko aitzakiaz, alerta jotzaileak mututu Herritarren oharkabean dator lege berria. 2016an Europako Parlamentuak gehiengo handiz onartu ostean, Frantziak bere legedira egokitu du martxoaren 28an eta laster eginen du gauza bera Espainiak. Enpresen sekretuak konkurrentziaren espioitzaren begiradatik babesteko idatzi dutela diote legegileek, baina herritarrak ohartarazten dituzten alerta jotzaileen lana isilaraztea du helburu kazetari eta ekintzaile askoren ustez. Lobbyek isilpean egin dute azioa orain ere. "Hona erloju-bonba baten historia", idatzi dute Libre Actu hedabide frantsesean. "Bonbak kondenatuko ditu alerta jotzaileak baldin eta ausartzen badira zabaltzera multinazionalek herritarren interesak mehatxatuz egindako delitu fiskal edo ingurumenezkoak". Bonba hori da negozioetako sekretuen zuzentaraua, 2016ko ekainaren 8an Europako Legebiltzarrak eta Kontseiluak onartua. Martxoaren 28an egokitu du Frantziako Asanbladak zuzentaraua Frantzian lege bihurtuz eta Senatuak apirilaren 18rako deitu du gauza bera egiteko bozketa. Biak ere premiazko prozeduraz eta kasik eztabaida publikorik gabe pasatu dira, nahiz eta legebiltzarkideen artean hitz gordinik faltatu ez zen. "Negozioen sekretuen babesa ezingo da erabili alerta jotzaileen eta kazetarien kontra", esan du Nicole Belloubet Justizia ministroak, segurtatuz –kazetari askok eta horien elkarte zenbaitek salatuaren kontrara– askatasun publikoei legeak ez diela inolako murrizketarik ekarriko. Aurkakoen artean nabarmendu da François Ruffin diputatu ezkertiarraren hitzaldi laburra. Aipatu ditu jendarme eta epaile frantsesek pertsegitutako alerta jotzaileak, Luxleaks afera eta beste hainbeste eskandalu argitara atera dituztenak. Legea bozkatu behar zuten diputatuei esan die: "Bada zerbait gizakiok ariman itsatsita daramaguna:  justizia nahia, egia egarria. (...) Geratzen ote zaigu horretatik zerbait, justizia nahirik, egia egarririk? Zeinen alde zaudete zuek, diputatuok? Nor txalotzen duzue? Multinazionalak diren Goliatak ala horiei aurre zutik eta bakarrik egiten dieten jende zuzenak?". Botoekin erantzun zioten parlamentariek. Lege berriak babesten ditu edozein enpresaren informazioak "denen ezagutzara zabalduta ez dauden edo sektore berean ari den pertsona batek erraz eskuratu ezin dituenak", hain zuzen sekretu izate horretan datzalako beren balioa, eta horregatik "informazio horien jabe legitimoak egoki babesten dituenak. Legearen defendatzaileek diote enpresak babestu nahi dituela espioitza ekonomikotik, lapurreta industrialetik eta konkurrentzia ez leialetik. Frantzia izan da Europa mailako bultzatzaile nagusia, argudiatuz AEBek aspalditik daukatela horrelako lege bat eta Europak maila berean jarri beharra daukala. Emmanuel Macron ekonomia ministro zenean saiatu zen horrelako bat ezartzen Frantzian, baina atzera bota zioten. Orain lehendakaritzatik zorte hobea eduki du, herritarrei azalduz kazetari eta ekintzaileek badauzkatela aski tresna legearen barruan geratzeko. Aldiz, kazetari elkarte nagusiek eta baita hedabide handi batzuek ere salatu dute informazio askatasunaren kontrako erasoa. "Negozioen sekretuaren kontzeptua hain zabala izaki, hemendik aurrera kategoria horretan sartu ahal izango dute enpresa baten barneko informazio oro (...) eta horrela lortu dezakete jendearengana ezin iritsi izatea Mediator botikaren edo Bisfenol A- rena bezalako eskandaluek, Panamako Paperak edo LuxLeaks bezalako aferak". Korporazioek omerta ezarri dute legez Observatoire des Multinationales hedabidean Olivier Petitjeanek erakutsi duenez, Europan nagusitu den zuzentarau berria multinazionalen lobbyek prestatu zuten, zehazkiago 2000. urtean banka eta korporazio industrial handiek bereziki sortu zuten TSIC Negozioen eta Berrikuntzaren Sekretuetarako Koalizioa izenekoak. Corporate Europe Observatory GKE ezagunak egindako ikerketak erakutsi zituen tartean zeuden konpainiak (Alstom, Michelin, Nestlé, Dupont, Intel...) eta nola egin zuten lana Europako Batzordearekin eta nazioarteko negozioetan berezitutako abokatu kabinete handiekin prestatzeko azkenean 2016/943 zuzentarauan mamituko zen testua. "Bruselako aginte jokoei esker, lortu zuten nahi zutena". Estrasburgoko legebiltzarrean 2016ko ekainaren 8 hartan presente zeuden 652 eurodiputatutatik 503k eman zioten baiezkoa zuzentarau berriari, 131k kontrakoa eta 18 abstenitu. Legearen kontrakoen artean, gogorren Berdeak mintzatu ziren: "Okerreko mezua zabaltzen du legebiltzar honek, zeren eta Panamako Agiriak haizatuta hamar egunera onartzen baitugu lege bat kazetarien eta alerta jotzaileen lana zailduko duena". Beste eskandalu bat ere bazebilen Estrasburgon bildutako europarlamentarien ahotan: LuxLeaks afera argitara atera zuen Antoine Deltour epaitu behar zuten handik bi astetara. Deltour eta beste bi herritar gehiago, tartean bat kazetaria, auziperatu zituzten herritarren begien aurrera ateratzeagatik Luxenburgok multinazionalei eskaintzen dizkien onura fiskal bereziak frogatzen dituzten agiriak. LuxLeaks aferaz ICIJ Ikerketa Kazetaritzako Nazioarteko Korporazioak zabaldutako paperen bidez ezagutu zituzten herritarrek Luxemburgoko Ogasuneko agintarien eta PwC mitikoaren artean –hau zen eta da konpainia handien aholkularia– negoziatutako akordioak. Geroztik, ikusten denez, lobbyek beren lana borobiltzea erdietsi dute. 2016an Europa mailako zuzentaraua ebatzirik, 2018ko ekaina baino lehen egin behar du herrialde bakoitzak bere legedi barrurako iraulketa. Frantziak ia amaitua du honez gero, teorian kazetarientzako zenbait salbuespen erantsita. Britainia Handiak ere bereganatu du lege berria. Paradoxikoki, Brexit a ez da izan oztopo Estrasburgotik datorren arau berria onartzeko, gainera bertsio are eta gogorragoan. Belgikan gobernua ari da egiten, baina testu zehatza ez du argitara atera. Danimarkan ere hasiak izango dira, kazetari elkarteak mobilizatuta daude eta. Espainian Enpresako Sekretuen Legea deitu diote ( Ley de Secretos Empresariales ) eta Cuatrecasas bufete erraldoiak argitaratu duenez otsailaren 21ean onartu du Mariano Rajoyren gobernuak aurreproiektua. Cuatrecasaseko abokatuek –nork jakingo du hobeto lobbyak berak baino?– argi daukate nori egingo dion mesede: " Secretos empresariales, ahora mejor protegidos, gracias al nuevo anteproyecto de Ley " dio tituluan. Ruffin kazetari eta diputatu frantsesak alerta jo du: "Nor ausartuko da horrela bere ugazabaren jokabideak salatzera, diren eta ankerrenak izanda ere? Nor arriskatuko da ikerketa kazetariei bere lekukotasuna eskaintzera? Etorkizunean izango ote dugu eskuratzerik kapitalismoaren deriba izugarriei buruzko ikerlan zorrotzik?". Korporazio handiek urrats berri bat  egin dute zabaltzea komeni ez zaizkien informazioez omerta –mututasuna– bermatzeko. Baina lasai, hori Europan ari da gertatzen. Zorionez Euskal Herria oasi bat da. Ala?
news
argia-4a9ec9c99cba
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/lluis-llach-erretiratua-setio-egoeran.html
"Espainiako Estatuak bi beso armatu ditu: juridikoa eta komunikatiboa"
Reyes Ilintxeta
2018-04-15 00:00:00
"Espainiako Estatuak bi beso armatu ditu: juridikoa eta komunikatiboa" Lluís Llach eta Jaume Roures produktorea Iruñera etorri ziren martxoaren bukaeran 76ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakari latzak erakusten dituen La revolta permanent filma aurkeztera. Sanfermines 78 Gogoan ekimenak gonbidatuta heldu ziren Inpunitatearen aurkako irudiak zinema zikloan parte hartzera. Inpunitateaz, abestien indarraz, etengabeko matxinadez eta Kataluniako egoeraz mintzatu ginen L'Estaca-ren sortzailearekin. La revolta permanent filmeko protagonista zaitugu. Ni aitzakia besterik ez nintzen Gasteizko gertakari makabroei buruzko film bat egiteko. 76ko martxoaren 3ko gau hartan bertan hasi nintzen konposatzen Campanades a morts . 2006an, erretiratu baino urtebete lehenago, proposatu zidaten film bat egitea eta gustura aritu nintzen, baina ni ez naiz protagonista, Gasteizko jendea eta biktimen senitartekoak baizik. Lluís Danések zuzendu zuen eta Jaume Roures jaun arriskutsuak ekoiztu. Lan honek balio izan zuen gertatu zena oso modu desberdinean azaltzeko. Ordura arte esandakoa ez zen egia osoa. Boterearen eraginkortasun eza salatu genuen, baita estatu baten eskarnioa ere. 2006an, 30 urteren ondoren, eta gaur egun ere, Gasteizko hiriari eta biktimei barkamenik eskatu gabe jarraitzen dute estatu krimentzat har daitekeen horregatik. Hunkidura handiz bizi genuen hura. 2006an Gasteizen egin genuen errezitala ahaztezina da hor zegoen jende guztiagatik. Martxoak 3 elkarteko kideek arratsalde horretan bertan eginiko manifestazioan batzuk jipoitu eta atxilotu zituzten. Ni atera nintzen 30 urte atzeragoko afera batez kantatzera, eta egun horretan bertan gauza bera gertatzen ari zen. Espainiako trantsizioa izan denaren isla perfektua. L'Estaca zure kanta ereserki moduko bat da? Jendeak ikur gisa hartu izana pribilegio bat da, baina ez da nire meritua. Ez dut sentitzen nire kanta bezala. Eskuetatik ihes egin zidan 70eko hamarkadan eta ez dut berreskuratu. Pentsa liteke hori dela konpositore batek espero dezakeen gauzarik handiena eta ez dut arraro iruditu nahi, baina horren aurrean lotsa pixka bat sentitzen dut, horrek esan nahi baitu gauzak ez ditugula ongi egin. Belaunaldi honi gauzak konpondu gabe, etxea garbitu gabe, utzi dizkiogu. 68ko edo 70eko hamarkadako kanta batzuek ikur izaten jarraitzen dute, estatuko hainbat tokitako jende askorentzat onartezinak diren gauza batzuk salatzeko balio dutelako. Figura mitiko bat zara. A bai? 1,75 metroko altuerakoa, arrunta, osasun gutxikoa eta harietatik tiraka egiten duen pertsona laster etorriko zaion zero puntura egokitzeko, hori baita orain egokitzen zaidana. Hori da egungo nire errealitatea, besterik ez. Atzera begiratzen duzunean zer ikusten duzu? 19 urterekin hasi nintzen kantatzen eta berehala tren-makina gisa jarri ninduten. Korri egiten duzunean ez zara gauza askoz ohartzen, hala eta guztiz ere pribilegio fantastikoak bizi izan ditut. Egunean egunekoa bizitzen eta koherentea izaten saiatu izan naiz beti. Egia da kontzertu jendetsuak eman ditudala eta areto itzelak bete, baina niretzat hori ez da funtsezkoena. Niretzat komunikazio lana egitea izan da beti garrantzitsuena, kantatzeari utzi nion arte. Nik horrela ikusten dut. Argazkia: Dani Blanco. Gitarra mobilizazio masiborako arma al da? Nire kasuan gehiago zen lokartze masiborako arma! [irriz]. Gertatzen dena da, batez ere jendartearen parte bat oso atezuan dagoenean eta errepresio handia pairatzen duenean, kantek erreferentzia gisa balio dutela komunikazio askerako, beste aukerarik ez dagoelako. Nik beti esaten dut 60 eta 70ko hamarkadetan kantariak basamortuko askatasun erreferentzia guneak ginela, nahiz eta zentsurapean aritu behar, zerbait esaten ahal genuelako. Gaur egun ere nire etxean fantastikoa da. Katalanok "nire etxea" esaten diogu gure herrialdeari, eta han jende asko ari da musikagintzan. Berriro tentsiopean bizi garelako, seguruenera, bada jende piloa giza kontzientziarekin eta militantzia ahalmen handiarekin lanean. Musika bidezko mobilizazioa bukatu dela pentsatzen dutenek trankimazinak har ditzatela, honek luze joko du eta! Zentsura zer den ederki ongi dakizu zuk. Zer pentsatzen duzu Mozal Legeaz? Orain errepresioa legeztatuta dago. Francoren garaian ere bazen, baina ezin zuten esan demokratikoki legezkoa zenik. Herrialde batean Mozal Legea legezko egiten denean, erabateko demokrazia krisia dugula esan daiteke. Orain kantariak kartzelara doaz. Ez dut gogoratzen nire garaian kantari bati hiru urteko kartzela zigorra ezarri izana, agian buruak huts egiten dit, baina nik ez dut halakorik oroitzen. Orain, aldiz, ez bat eta ez bi dira auzibidean jarritakoak. Berdin txotxongilolariak edo urriaren 1eko erreferendumean jendeari emaniko jipoiak salatzeko protesta eginez sudur gorria jartzen dutenak. Badirudi Francoren garaiko kantek gaurkotasun osoa dutela, eta hala iduri badu, hala delako izango da. Katalunian beldur gara gure atzetik beste guztiak etorriko zaretelako. Kataluniako arazoa trantsizioaren porrotaren froga da. Bere notariotza agiria. 78an batzuek aurrera eraman nahi zuten etorkizunerako proiektuak huts egin zuen. Hau trantsizioaren ehorzketa da, porrot egin du eta gu gara horren erakusgarri. Interes politiko eta ekonomiko batzuk iraunarazteko egin zen trantsizioa. Denen artean, eskuinak eta ezkerrak egin dute, eta horregatik badira erresistentzia ikaragarriak. Funtzionarioek, ate birakariek, bahitu dute Estatua. Nik uste dut krisi ikaragarri baten aurrean gaudela. Katalunia termometroa da eta orain setio-egoeran gaude. Salbuespen-egoeratik pasa gara jada setio-egoerara. Ezin dugu gure iritzia adierazi eta ezin dugu politika egin agindu demokratikoak bete ahal izateko. Nola dago Katalunia? Une hauskorrean gaude, gure askatasunak ataka larrian jarriak daudelako. Estatuak ez dio inolako begirunerik herriaren borondateari, eskubide zibilei eta hautetsiei. Nazioartetik espero baino laguntza gutxiago? Guk sentiberatasun handiagoa espero genuen. Lehen urratsa izan zen Espainiako Estatuari esatea mahaian eseri behar zuela gurekin negoziatzeko. Ezetz esan du, beraz hurrengoan ez gara ezta saiatuko ere egingo, edo izatekotan, beste modu batez. Bigarren gauza pentsatzen genuena zen halako bakezaletasun erakustaldiaren eta zintzotasunaren aurrean Europa sentibera izango zela. Estatuak ez dira batere sentiberak izan. Nik, hala ere, esango nuke normala dela, haien estatusa defendatzen dutelako eta elkar babesten dutelako. Eta orain zer gertatzen ari da? Bada, poliki-poliki Kataluniako afera iritzi publikora iristen ari dela. Ez genuen lortu estamentu europarretaraino iristea, baina ari gara buelta ematen eta laster lortuko dugu herri estamentuetara iristea. Herritarrak sentiberak dira. Alemanian, Belgikan, Herbehereetan eta Suitzan zer esanik ez, badugu aldeko iritzi publiko bat oso garrantzitsua. Horrek itxaropena ematen dit, Juncker eta bera bezalako beste beleengan eragina izan dezakeelakoan nago. Haien botere guneak babestu ahal izateko kasu egin beharko diete eta horren esperantza dut nik. Bien bitartean herri bezala saiatzen ari gara aurrera egiten eta oso zaila da. Argazkia: Dani Blanco. Irudimena da procés -eko ezaugarri nagusietako bat? Gu behartuak izan gara politika asmatzera. Pentsalari europarrek arreta handiz begiratzen gaituzte, besteak beste, estatu handinahi bati aurre egiteko indar aski ez eta sormen demokratikoa garatu behar izan dugulako. Puigdemontek ez zuen ihes egin beldurragatik. Jaun hori Bruselara joan zen kanpotik lana egin ahal izateko. Zure jarduera politikoa nolakoa izan da? Hurrengo aukera politikoan erretiratu nintzen, abenduko hauteskundeetan alegia, hautagaitza bateraturik ez zegoelako eta niri iruditzen zait, politikan aditua ez den pertsona bat izanda, nire egitekoa iritzi desberdinak hurreratzen saiatzea dela, baina talde bateragarri batean. Tentsio handiko ikasketa izan da. Une onak eta oso zailak ere egokitu zaizkit. Nirekin zeudenek ibilbide politikoa eta profesionala arriskuan jarri dute eta horrek maila igotzen du. Halako parlamentu batean gauza askoz hitz egin daiteke. Koherentzia eta zintzotasuna jakintzat ematen zen. Horrez gain asko ikasi dut, esate baterako, zer nolako alderdikeriak dauden edo zeinen tresna zaharkitua den parlamentua. XIX. mendeko tresna da. Tempo politikoak ez datoz bat tempo sozial eta komunikatiboekin. Diplodoko talde bat [dinosaurio mota bat] astiro mugitzen, horixe ematen du. Formula berriak bilatu behar dira. Puigdemont eta bere kolaboratzaileen ideia handi bat da egitura errepublikazale birtual bat antolatzea. Nik gaizki bukatu dut, depresioak jota, baina nire pastillatxoak hartzen ditut eta aurrera. Zure negozioen inguruko datuak, zuk eginiko adierazpen batzuk…gauza asko erabili dute zure kontra. Kritikek min egin dizute? Erasota sentitu naiz, baina inola ere ez gaindituta. Eskandalu handienetako bat izan zen esatea errepublika abian jartzean funtzionarioek gure legeak bete beharko lituzketela. Ez dakit zein parlamentuk egiten dituen legeak beteak ez izateko. Horregatik faxista eta beste deitu didate. Hemen larria ez da Katalunia, Espainia baizik. Guk halako zartatekoak jasotzen ditugu han dauden komunikabideengandik. Asko kantatu nuen Espainia osoan eta Frantzian. Jende asko ezagutzen dut, baina imajina ezazu, adibidez, Valladolideko progre bat, kioskoan aukeran dituena El País , ABC , El Mundo , La Razón eta besteren bat are okerragoa. Egoera horretan Estatuak ez du armadarik behar. Gaur egun Estatuak bi beso armatu ditu, bata juridikoa eta bestea komunikatiboa. Zer pentsatu behar du herritar progre horrek irakurtzen duenean bandera jaitsi dutela Kristo lasaiago hil dadin? Hemengo musikariekin harremanik baduzu? Lehen bai, orain ez. Mikel Laboa nire anaiatxo nagusia zen. Ez genuen elkar asko ikusten. Gure adiskidetasuna kamerinoetan landu behar izaten genuen kantatzera ateratzeko zain geunden bitartean. Lagunak betiko joaten direnean damutu egiten zara horrela bizi izanagatik. Zergatik utzi zenion kantatzeari? Bizitza beti hiru ekitalditan banatu izan dut, Shakespearek obra gehienak bezala, eta ez nuen hirugarrenera tren-makina bat bezala iritsi nahi. Beste modu batez nahi nituen gauzak begiratu, nire zahartzaroa onartu eta nire bizimodua aldatu. 19 urte nituenetik ibili naiz kantuan eta pribilegioa izan bada ere, beste gauza batzuk ikasi nahi nituen. Afrikara joan nintzen kasualitatez, hasi nintzen idazten kasualitatez, upategi bat zabaldu nuen kasualitatez… Nire bizitza oso arraroa izan da, baina bizitzan gerta dakizukeen gauzarik onena gertatu zait: gauza asko ikasi dut.
news
argia-a09630ffd03f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/nafarroa-hegoaldetik-euskal-herriko-6500-sukaldetara.html
Nafarroa hegoaldetik Euskal Herriko 6.500 sukaldetara
Garazi Zabaleta
2018-04-15 00:00:00
Nafarroa hegoaldetik Euskal Herriko 6.500 sukaldetara Udaberriko kanpainan murgilduta egon dira Errigorako boluntarioak azken hilabetean. Nafarroa hegoaldeko oliba olioa eta barazki kontserbak eskaintzea egokitzen zitzaien oraingoan. Kanpainaren emaitzak eskuetan, balorazio oso positiboa egin dute bultzatzaileek: beste behin gora egin du Nafarroa hegoaldeko produktuen eskatzaile kopuruak. Urtez urte sendotzen doan proiektua Jauzi handia egin zuen Errigorak iazko udaberriko kanpainan: konbentzionalean ekoitzitako produktuez gain, modu ekologikoan ekoitzitakoak eskaintzeari ekin zioten, emaitza oso onak lortuz. Aurten, iazko gorakadari eustea eta Errigorako komunitatea egonkortzea zuten helburu, baina egonkortzeaz gain, ekimenera jende gehiago biltzea ere lortu dute azkenean. Guztira 93.000 litro olio eta 207.000 ontzi kontserba banatuko dituzte aurtengo Eskutik Eskura kanpainan. Eskaeren %35 produktu ekologikoak dira, eta beste %65 konbentzionalak. "Nork pentsa zezakeen orain bost urte, kanpaina hau egitasmo ere ez zenean, honaino iritsiko ginenik? Nork pentsa zezakeen ehunka milaka ontzitan euskarak bere tokia hartuko zuenik?", galdetzen dute ekimenaren bultzatzaileek emaitzekin zabaldutako oharrean. Herritarren kontsumo ohituretan eragiteko asmoz sortu zen ekimena, eta esan daiteke asmoa betetzen ari dela pixkanaka: 6.500 etxetan Nafarroa hegoaldeko olioz eta kontserbez beteko dituzte armairuak aurten. Auzolanaren sarea ehuntzen Euskal Herriko 72 herritara iristen da Errigorako sarea jada. Boluntarioz osatutako tokian tokiko taldeak izan ohi dira herri bakoitzean kanpaina aurrera eramateaz eta banaketaz arduratzen direnak. "Hau ez da zoriaren emaitza, herrilanarena baino. Kanpaina honetan buru-belarri ibiltzen garen ehunka auzolangileei esker da posible hau guztia", azpimarratu dute oharrean. Olioa eta kontserbak ekoitzi eta prestatzen dituzten nekazariei, boluntarioei, Errigorako mezua zabaltzen lagundu duten komunikabideei eta kanpainarekin bat egin duten kontsumitzaileei zorionak eta eskerrak emateko baliatu dute oharra. Errigorako komunitatea indartuz Nafarroa hegoaldeko nekazariei bultzada ematen jarraitzea posible egin dutelako.
news
argia-c9f7624a62af
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/eta-zuk-bisitari-ba-al-dakizu-hemen-euskaraz-egiten-dela.html
Eta zuk, bisitari, ba al dakizu hemen euskaraz egiten dela?
Iure Eizagirre
2018-04-15 00:00:00
Eta zuk, bisitari, ba al dakizu hemen euskaraz egiten dela? Zumaiako kaleetan ikusiko dituzu hemendik aurrera. Gidak azalpenak emango dizkie turistei: euskararen jatorriaz arituko da, non egiten den eta zein euskalki dituen esango die, hiztun kopurua asmatzeko zirikatuko ditu. Ez dute flysch ospetsuaz hitz egingo, euskal nortasunaz, kulturaz eta euskarari buruz baizik. Zumaiako Udaleko euskara eta turismo sailek sortutako ekimena da, eta haien belarrietara iritsi dena kontuan hartuta, tankera horretako bisita gidatu bakarra da Euskal Herrian. Zumaian martxoan abian jarri duten Enigma bizia izeneko bisita gidatua turismoa eta herri euskaldunak lotzen dituen hausnarketaren adibide praktiko bat da. Zumaiako Udalak halako bisita gidatu batekin proba egitea erabaki du. Era berean, UEMAko kide diren Lekeitio, Bermeo, Zarautz, Zumaia, Oiartzun, Bortziriak, Baztan eta Leitzaldeko Udalak euskara eta turismoa gaiari buruz gogoetan ari dira. Imanol Haro UEMAko teknikariak azken hilabeteotan egin dituzten gogoetak zerrendatu dizkigu. Honakoa lehenengoa: Euskarri turistikoetan (eskuorriak, liburuxkak, webguneak...) euskara nola agertzen den kezka dute eragileek. Batetik, euskarriotan euskara gutxi darabilte; bestetik, bereziki kezkatzen dituena da euskarari buruz zein mezu ematen zaion bisitariari gune euskaldunetara doanean: "Europako hizkuntza zaharrena", "Euskara, babestu behar den altxorra"... Haroren esanetan museoko ondare agertzen da euskara. "Guk hizkuntza bizia jasotzea nahi dugu. Urola-Kostara datorren katalana edo frantsesa konturatu dadila euskaraz hitz egiten dela".   Zarauzko malekoia, negutik udarara azalberritzen Lantaldean gogoetan ari diren udaletako euskara teknikariek eta UEMAko teknikariek bigarren hausnarketa jarri digute mahai gainean: gune turistikoetako hizkuntza joerak aztertuta, konturatu dira toki batzuetan hizkuntza aldaketa gertatzen dela negutik udarara. Zarauzko malekoi ezagunean azalberritu egiten dira terrazak. Neguan arbeletan menuak euskaraz daude eta udan ingelesez dira. Zerbitzariak lehen hitza euskaraz ez, baizik eta ingelesez edo gaztelaniaz egingo dizu. Taberna jabeak nahiago izango du zerbitzariak ingelesa jakitea euskara baino. Nafarroako herri txiki bateko adibidea eman digu Harok. Astean zehar euskararen erabilera neurtu zuten eta herri euskaldun baten maila ematen zuen. Asteburuan neurketa bera egin eta erabilera goitik behera erortzen zen. Hirugarren hausnarketak bizipenen gabeziarekin du zerikusia. Hau da, turismo eskaintzan euskaldunak, euskal nortasuna eta euskal kultura saltzen direla uste du Harok, baina erakutsitakoa bizitzeko edo ikusteko esperientziarik ez dago. Hortara dator hain zuzen Zumaian Geoparkeak eskaintzen duen Enigma bizia bisita gidatua, zer garen azaltzeko ariketa praktikoa da. "Euskara traba ala balio erantsia?" Lekeition bi-hiru hilabete igarotzen dituen udatiarraren adibidea jarri digu Harok. Bilbo ingurukoak gehienak, eta askok euskaraz egingo ez badute ere, ulertzen dute, eta guraso ugarik nahi dute haien seme-alabek euskaraz egitea Lekeition. Herrian bestelako jarrera hartu da ordea, ostalaritzak gaztelaniaz egiten du eta kultur ekintzak ere gaztelaniaz egin izan dira bisitariei begira. UEMAko teknikariak galdera bota du: "Herri turistikoek bisitaria nolakoa dela uste dute? Askotan euskaldunak gara bisitariak". Lekeition bisitariei galdetu zieten ea nolako esperientzia izan zuten euskararekin herrian, ea bazekiten euskara egiten zela, ea trabarik eragin zien... Ateratako ondorioa: "Bisitarientzat ez da gauza negatiboa euskara, ez die trabarik egiten, eta neurri batean estimatzen dute". EAEko turismo datuak kudeatzen dituen Ibiltourrek antzeko ikerta egin zuen. Euskara alde negatiboetan edo positiboetan sartzen zuten galdetu zieten bisitariei. %98k ez zuen ez bat ez bestea aukeratu. Antzeko galdetegiak egiten ari da UEMA Leitzaldean, Zumaian eta Bermeon. Galdetegiaren helburua ez da soilik jakitea ea euskara traba den ala ez, baizik eta ea bisitarientzat bertako hizkuntza entzutea, ikustea, arnastea, balio erantsia ere baden.   "Enigma bizia" bisita gidatua Zumaian "Enigma bizia" bisita gidatuaren lehen saioan murtziarrak eta madrildarrak elkartu ziren Zumaiako kaleetan. Bisita berria izaki, erakarriko duen jende kopuruaren zalantzaz Zumaiako turismo bulegora hurbildu, eta hara, ia hamabost pertsona ate ondoan zain. Haietako batzuk badute euskararen aditzea, baita gutxien-gutxieneko ezagutza ere. Hala erakutsi dute minutu batzuk geroago gidariak euskarazko hitzak esateko eskatu dienean: "egun on", "bai" eta "ez". Gehiago jakin nahian, guztiek eman diote begiratua Enigma bizia bisitaren hasieran banatutako hiztegiari. Gidariak ohartarazi die: "Zumaia euskararen espazio naturala da eta izango duzue hitzok erabiltzeko aukera". Iragarri du helburua, entzutea ez ezik, badela euskara eta euskal kultura ezagutzea: "Ezagutu eta dibertitu egingo gara". Ohar horren ostean heldu dira euskararen inguruko lehen zehaztapenak: non egiten den eta zein euskalki dituen. Harridura eragin du parte-hartzaileen artean Luis Luziano Bonapartek egin izana, 1863an, euskalkien lehen mapa. Halaber, euskara batuaren erabilera nabarmendu du gidak; herriko bizilagunak ere badirenez parte-hartzaileen artean, hainbestetan gertatzen den iritzi trukaketaren lekuko izan dira bisitariak. Aurrerago, jatorria izan dute hizpide: "Nondik dator euskara?". Ohiko galdera izan daiteke bisita hauetan; teoriak ugari, erantzun argirik ez. Euskarak inguruko hizkuntzetan izandako eragina, aldiz, jakina da, gaztelaniazko zenbait poematan nahiz hitzen sorreran, esaterako. Toponimiak ere badu irakasgairik, beraz, horri buruz aritu da gidaria. Zer esan nahi dute Talaimendi, San Miguel Artadi edo flysch ak ikustera datozenek horrenbeste aldiz entzuten duten Algorri hitzek? Halaber, ingurunera begiratzen hasita, kaleetan aurki daitezke garenaren pista ugari, errotuluetan, adibidez. Aseguru etxea dio batek; etxearen esanahia azaltzeko baliatu dute, nahiz eta geroago aipatuko den etxeak –baserriak– gurean izan duen eta egun duen garrantzia zein pisua. Guztia hitzez azaltzerik ez dagoenez, Odieta frontoian izan da hurrengo geldialdia. Pilota poltsatik aterata, norbaitek probatu nahi duen galdetu du gidariak. Hiruzpalau animatu dira, eta elkarren artean jolasean aritu ondoren sumatu dituzte eskuko lehen minak, baita interesa ere, jokatzeko moduaz galdezka hasi baitira. Horrez gain, herri kirolak eta arrauna izan dituzte hizpide. Frontoiko animo oihuak atzean utzi eta bestelako doinuak nagusitu dira musika eskolaren aurrean. Txistua ardatz hartuta, hainbat euskal instrumentu aipatu dituzte: dultzaina, trikitia, txalaparta… Halabeharrez, bidean aurrera eginda, beste turista batzuk topatu dituzte herria Espainiako Estatuan hain ezagun egin zuen filmeko (Ocho apellidos vascos ) iturrian. Lantzeko gaia agerikoa: euskal abizenak. Han agertzen direnak omen dakizkite bisitariek; gaurkoan, horien jatorria –etxea, askotan– ezagutu dute. Maiorazkoa eta matriarkatua ere interesgune izan dira. Bizibideaz jardunda, hasieran azaldu du gidariak arrantzak Zumaiaren ekonomian eta familietan izandako pisua, ondorioz, kofradian du bisitak azken-aurreko geldialdia. Arraina saltzeko modua ez ezik, arrantzale euskaldunek nazioartean utzitako aztarnak plazaratu ditu gidak. Ternuara joandakoan Apaizac hobeto zeudela esaten zuten garaia ekarri du gogora, gerora bertako toponimian geratutako zenbait hitzekin batera. Hiztun kopurua aintzat hartuta, egungo 7.000 hizkuntzen artean euskara zein postutan dagoen galdetu du. Erantzun baikorragoak kanpokoenak bertakoenak baino; halere, asmatu, inork ere ez. "Asko entzun dugu kalean, adin ezberdinetako jendeak erabiltzen du, nahiz eta batzuetan gaztelaniarekin nahasten duten", adierazi du batek. Amaitzeko, elkarte gastronomikoan batu dira hamaiketakoa egiteko bisitan parte hartutako madrildar, murtziar eta urte luzez Katalunian bizi izandako nahiz oraindik herrian dirauten zumaiarrak. Elkarteen funtzionamenduaz, bisitaz, turistek bilatzen dutenaz, eta abarrez aritu dira. Bisitaren zentzua barneratuta bezala, "egun on" hitza erabilita egin die diosal murtziarrak elkartean bazkaritara sartutako kideei. Alboan, haurrek hiztegitxoko hitzak errepasatzen jarraitu dute: "mila esker", "bat, bi, hiru, lau"…
news
argia-eebc97ef7bd7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2594/bilboko-kale-saltzaileak.html
"Proiektu sendoa daukagu, ongi ari gara, eta zergatik eskatzen digute bete ezin duguna?"
Mikel Garcia Idiakez
2018-04-15 00:00:00
"Proiektu sendoa daukagu, ongi ari gara, eta zergatik eskatzen digute bete ezin duguna?" Baldintza guztiak bete dituzu herritar legal bihurtzeko (kontzeptua bera gogorra da), autonomo gisa kotizatzen zabiltza kale-saltzaile, eta bat-batean administrazioak esaten dizu irabazi dezakezuna baino gehiago kotizatzen ez baduzu, berriz ere paperik gabe utziko zaituela, berriz ere poliziaren aurrean ihes egitera kondenatuko, Afrikara itzularaziko. Horixe egin berri dute Senegaletik migratu zuten kale-saltzaileekin. Bilbon bizi diren horietako hirurekin hitz egin dugu. Baba Mbaye (35 urte, horietatik 11 Bilbon), Khadim Sambe (32 urte, 7 Bilbon) eta Boubacar Diouf (47 urte, bi eta erdi Bilbon) izan ditugu solaskide. Bilboko kale-saltzaileen Mbolo Moye Doole elkarteko kideak dira; zortzi bat urte ditu elkarteak eta 100 lagunetik gora dira, denak senegaldarrak, batzuk legalak eta beste batzuk oraindik ez (bertan hiru urte bizitzen daramatzazula egiaztatu arte, adibidez, ezin duzu paperik eskuratu; alegia, iritsi eta lehenengo hiru urteetan bai ala bai ilegala zara). Paperik gabeko mantero izateari utzi eta kale-saltzaile legal bihurtzeko urratsak eman dituzte horietako askok, baina kolpe bortitza jaso berri dute administraziotik. Baba Mbayek kontatu digu: "Lizentzia lortu genuen 2015ean, autonomo gisa kale-saltzaile aritzeko, eta urtebeterako bizileku-baimena eman ziguten. Urtebetez Gizarte Segurantzan kotizatzen aritu ostean, hori guztia erakutsi eta beste bi urterako bizileku-baimena berritu ziguten. Hori zen tratua, eta 200 euroko gutxieneko kotizazioa eskatzen ziguten, bertan bizitzen eta lan egiten jarraitu ahal izateko. Baina egun batetik bestera Espainiako Atzerritarrei Buruzko Legearen bidez erabaki dute 800 euroko gutxieneko kotizaziorik gabe ez dizkigutela paperak berrituko, eta gu ezin gara kopuru horretara iritsi. Hilabete batzuetan 200 euro lortzen ditugu, beste batzuetan 250, gehitu zergak eta fakturak, eta atera kontuak. Uda sasoian herrietako festak aprobetxatzen ditugu diru gehixeago lortzeko, baina 800 euroko gutxieneko kotizazioa ezinezkoa da guretzat". Kontua zera da, hori ongi dakitela araua ezarri dutenek eta beraz helburua garbi dagoela: "Gu kanporatzeko estrategia baino ez da, bestela zergatik eskatzen digute zerbait, jakinik ezingo dugula bete? Proiektu sendoa daukagu, dena ongi egiten ari gara, eta zergatik eskatzen digute gehiago? Sakonean arrazakeria dago". Gaur egun lizentziarekin Bilboko kaleetan saltzen ari diren 60tik gora senegaldarri eragingo die irizpide aldaketak: paperik gabe geratzeko arrisku gorrian daude oraintxe bertan. EAEz kanpoko beste hiri batzuetan ez diete 800 euroko gutxienekoa eskatzen baimena berritzeko. Legea malgua dela interpretatzen dute eta ez dizkiete Bilbon bezain baldintza gogorrak eskatzen Elkarrizketatuek esan digute beste hiri batzuetan kale-saltzaileei ez dietela 800 euroko gutxienekoa eskatzen bizileku-baimena berritzeko, Gizarte Segurantzan kotizatzearekin nahikoa dutela. Iruñea, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Cadiz, Sevilla, Granada… aipatu dizkigute. "Baina guri 800 eskatzen dizkigute; zergatik aplikatzen dute hemen Espainiako Legea eta beste lekuetan ez?". Elkarteko lege-aholkulariari egin diogu guk galdera: beste toki horietan, legea malgua dela interpretatzen ari dira eta ez dizkiete baldintza hain gogorrak eskatzen (azken finean, bertan bizitzeko nahikoa bitarteko dituzula frogatzea da funtsean dagoen betebeharra), baina Bilboko Atzerritarrentzako Bulegoko buruarekin joan den astean bildu zen lege-aholkularia, eta oso bestelakoa izan zen erantzuna: "Esan dit legea aplikatu baino ez duela egiten eta berari ez dagokiola interpretatzea; politikariekin hitz egitera joateko, haien kontua dela, ez berea". Berriz ere klandestinitatea, izua eta esklabotza Gure elkarrizketatuek ongi dakite zer den paperik gabe bizitzea, azken finean, lehenengo hiru urteetan hala biziraun behar izaten dute denek. Orain, egoera horretara birkondenatu nahi ditu administrazioak: "Paperak kentzen badizkigute, hasierara bueltatuko gara –diote–,  egin dugun guztiak ez du ezertarako balioko, klandestinitatera itzuliko gara, pobreziara, ezin mugitu eta ezin gure herrialdea eta gure senide eta lagunak bisitatu, ezin lan duinik egin. Kaleko salmentan aritzen ez direnentzat, paperik gabe lan egiteak esan nahi du enpresari asko zutaz aprobetxatzea eta esklabotza baldintzetan aritzera derrigortzea; eta gure kasuan esan nahi du kale-saltzaile izatetik mantero izatera igarotzea, beti korrika eta poliziarengandik ihesi, beldurrez, paperik gabe harrapatzen bagaituzte agian Madrilgo CIE etorkinentzako zentrora eraman gaitzaketelako, edo hainbeste urte hemen eman ondoren edozein egunetan kanporatu gaitzaketelako. Eta horrela bizitzea, hori buruan, ikaragarria da". Kaleko salmenta ilegala, gainera, falta izatetik delitu izatera igaro da Espainiako Estatuan, baina EAEn ez dago hala jokatzeko asmorik, inor ez omen dute kartzelan sartuko kalean saltzeagatik. Dena den, alternatiba ez da askoz itxaropentsuagoa: poliziak isuna jartzen badizu, aurrekari penala izango duzu espedientean eta bizitza guztirako arrastoa da hori, edozein paper lortzeko oztopo: bizileku-baimena eskuratzea zaildu diezazuke aurrekariak, edo herrialdetik botatzea erraztu, edo kontratu bat lortu eta aurrekari penalak badituzu, Gobernua tartean sartu daiteke eta kontratua ukatu diezazukete. Denek bizi izan dute gertakariren bat poliziarekin. Khadim Samberi Iruñeko Sanferminetan gerturatu zitzaizkion: "Euren artean zioten, 'begira zein urduri dagoen, honek droga darama gainean'. Nola ez nintzen ba urduri egongo? Polizia etortzea ez da atsegina, batik bat zure egoera kili-kolo dagoenean" "Produktu faltsifikatuak bertako merkatari handiek saltzen dizkigute, zergatik ez horiek pertsegitu?" Salgai jartzen duzunak ere badu ondoriorik, produktu faltsifikatuak saltzea debekatuta baitago eta zigorra txikiagoa edo handiagoa izango da, hiriaren arabera. "Gu gaude jomugan –kritikatu du Mbayek–, baina erosten ditugun produktu faltsifikatu horiek hemen erosten ditugu, bertakoek saltzen dizkigute, bertako merkatari handiek, guk ez daukagulako halako indarrik ez halako kapitalik produktu horiek ekartzeko; beraz zergatik ez dituzte merkatari handi horiek pertsegitzen? Zergatik egiten dute gure aurka?". Kale-saltzaileak denda txikien konpetentzia direla salatzea ere zentzugabea da, multinazionalak direnean merkatari txikiak itotzen ari direnak. Egitekotan, manteroek marka handien faltsifikazioak saltzen dituzte (Coco Channel, Adidas, Louis Boutton…) eta inozokeria da pentsatzea mantero multzo baten salmentek kalte egin diezaioketenik halako marka handiei. Marka horiek berak defraudatzaileak direla eta herrialde behartsuetan (bai, kale-saltzaileen jatorrizko herrialde horietan) jendea esklabizatuz aritzen direla kritikatzen dute manteroek, moral bikoitza nagusitzen dela: "Zergatik jo ahulenen kontra, iruzur egiten duten eta esplotazio egoeren erantzule diren handi horiek zigortu ordez?". Udaltzainak gainean Bilbo nahiko lasaia dela diote hiru lagunek. Lizentziarik gabe kalean saltzen ari direnek batez ere udaltzaingoa izan ohi dute gainean; postua kentzeko eta joateko esan ohi diete maiz, baina manteroak salgai dituen produktuak eramaten dituen udaltzainik ere egokitu dakieke. Okerragoa omen da egoera beste leku batzuetan, komisarian bukatu dezakezulako, baina horietara ere joan beharra dute, herriz herri eta festarik festa ibili beharra, nahikoa diru ateratzeko. Boubacar Difouk oraindik ez du lizentziarik, eta ez da arriskatzen: "Ni ez naiz Bilbotik ateratzen, hatz-markak hartzen dizkidaten egunean izorratu egingo naute eta nahiago dut hemen geratu, espedientea ez zikintzeko". Hala ere, Bilboko Unamuno plaza ondoan geratuarazi zuen poliziak duela gutxi, salgaien zakua gainean: "Udaltzainek poltsa erakusteko eskatu zidaten eta produktu guztiak eraman zizkidaten". Denek bizi izan dute gertakariren bat poliziarekin. Khadim Samberi Iruñeko Sanferminetan gerturatu zitzaizkion, eta oso gaizki pasa zuen: "Euren artean zioten, 'begira zein urduri dagoen, honek droga darama gainean'. Nola ez nintzen ba urduri egongo? Polizia etortzea ez da atsegina, batik bat zure egoera kili-kolo dagoenean". Faltzeseko jaietan ere Guardia Zibilak atzeman zuen eta bi urtez epaitegira sinatzera joan behar izan du, CDak saltzeagatik. Ondoren epaiketa izan du, 7.000 euro eskatu dizkiote, baina ez dauzkanez, azkenean 50 orduko lana egin beharko du Espainiako Gobernuarentzat. Ez, pobreziatik ihesi datozen migratzaileek hemen ere ez dute bizimodu batere erraza aurkitzen, aterik ez die irekitzen gure gizarteak eta horregatik da hain garrantzitsua euren arteko elkartasuna. Komunitate sendoa osatu dute eta elkarri laguntzen diote, batez ere norbait berria etortzen denean. Euskal Herrian oro har jendeak ongi tratatzen dituela diote, baina noizbehinka han-hemen entzuten diren ekintza xenofobo eta faxistek beldurra eragiten dute. "Politikariek ardura handia dute –uste du Mbayek–, gaizki hitz egiten badute etorkinen inguruan, gero jendeak pentsatzen duelako etorkinak erasotzeko legitimatuta dagoela". Sambek gehitu du krisiaren errua beraiei leporatzen zaiela maiz, "eta amorrua dute gure aurka". Ideia horien atzean "diskurtso populista dago, hainbat politikari eta hedabideren diskurtsoa". "Atzerritarrei Buruzko Legea bera da diskriminatzailea eta arrazista, jende bat bazterrean uztea duelako helburu, ekonomia beltzera bultzatzea; hori bai hipokrisia, gero esango dute beltzean egiten dugula lan, beste aukerarik ematen ez digutenean!" Argazkia: Dani Blanco "Etorkina izateak ez luke delitu izan behar" Paperak lortzeko trabak jarri ordez, erraztasunak ematea. Hori da eskatzen dutena. "Zenbat eta zenbat urte daramatza jende batek hemen, eta paperik ezin lortu –gogoratu dute–. Etorkina izateak ez luke delitu izan behar, paperek ez lukete pribilegioa izan behar, denontzako eskubidea baizik, lan egin ahal izateko, pobreziatik eta klandestinitatetik atera ahal izateko". Bizimodu duina lortzeko borrokan jarraituko dutela diote, auzi honi irtenbidea emateko kalean presio egiten, nahiz eta badakiten afera sakonagoa dela: "Atzerritarrei Buruzko Legea bera da diskriminatzailea eta arrazista, oztopoak jartzea duelako helburu, jende bat bazterrean uztea, ekonomia beltzera bultzatzea; hori bai hipokrisia, gero esango dute beltzean egiten dugula lan, beste aukerarik ematen ez digutenean! Senegaldarrik ez duzu ikusiko drogak saltzen edo dirua lortzeko indarkeria erabiltzen. Kalean saldu baino ez dugu egiten, zer du txarra horrek?". 800 euroko kotizazio eskakizuna kenduko duten esperantzarik ba al duten galdetu diegu. Baietz, esperantzarik gabe ez dagoela borrokarik. Eta etorkizuna nola ikusten dute? "Etorkizuna ez dago argi. Hemen urte asko eman ditugu eta hainbeste denbora pasa ostean ezin gara gure herrialdera ezer gabe itzuli. Legal izatea eta lan egiten jarraitzea da etorkizuna, aurrezteko eta baldintzak ematen badira gure herrialdera bueltatu ahal izateko". Bilboko kale-saltzaileak elkarretaratzeak egiten ari dira, paperak mantentzeko irizpideak gogortu zizkietela jakin zutenetik. (Arg: Ecuador Etxea)
news
argia-d9ad03c21a6f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/teresa-toda-1898-sumarioan-kondenatua.html
"Presoak etxera itzuli behar dira, eta modu duinean"
Miel Anjel Elustondo
2015-12-13 00:00:00
"Presoak etxera itzuli behar dira, eta modu duinean" "Badira egun batez borrokatu eta on direnak. Badira urtebetez borrokatzen direnak, eta horiek hobeak dira. Baina badira bizitza osoan zehar borrokatzen direnak, horiek ezinbestekoak dira". Horietan da Teresa Toda. Kazetari izana zara, ezohiko jokalekuan jarri zaitugu, galderak egin ordez, erantzun beharrean. Beti gustatu izan zait elkarrizketa generoa. Batez ere gogoz egiten denean, ez lan bat lehenbailehen egin, pasadizotik irteteko. Gaur egun oso ezkorra naiz gure lanbideari dagokionean. Kazetari gazteek lan baldintza eskasak dituzte, eta bestalde, hedabide gehienak enpresa handi eta botere ekonomikoen menpe daude. Baina gure garaian, eta frankismo sasoian ere, gauzak ez ziren errazak, eta borrokatzen ginen. Pena ere ematen dit egoerak. Horri kontra egin behar zaio. Ikerketa kazetaritzari ekiteko moduan! Ikerketa kazetaritzarik ez dago. Ikerketa kazetaritza dela esaten da orain, baina Espainiako Auzitegi Nazionaletik edo epaitegiren batetik etorritako filtrazioa da, ez ikerketa! Erakundeek, berriz, prentsa-oharra besterik ez dute erabiltzen. Egia santua da prentsa-oharra, gobernuarena denean batez ere. Inork ez du hura zalantzan jartzen, eta horrela ez dago aurrera jotzerik. Prentsa-ohar eta prentsaurreko, horiexetan biltzen da albistea. Prentsaurrekoak askotan egitea dagokit, Sareko bozeramaileetakoa naizenez gero. Kazetariak biltzen dira, bai, baina ez dute galdetzen. Nola ez duzu, bada, prentsaurrekora joan eta galderarik egingo? Horretarako dira prentsaurrekoak, galdetzeko. Besterik da hedabide eta sare alternatiboetan gertatzen dena. Askotan jotzen dut haietara. Bestela lantzen dituzte berriak, ziztatzailegoak ere badira, hanka-sartze eta hutsegiteak ere egiten dituzten arren. Abenduaren lehena zen atxilotu zintuztenean. Azaroak 27 zituen, berriz, askatu zintuztenean. Garaitsu horretan gabiltza. Bai, bai… Nahiko berezia izan zen libratu ninduten eguna, zeren eta hilaren 28a nuen irteteko eguna, baina hilaren 26an, gauean, ziegara etorri eta esan zidan kartzela zaindariak: "Bihar kalera!". "Ez, bihar ez, etzi dut irteteko eguna!". Barruko kideak agurtu nahi nituen, pentsatuta neukan, baina ez zidaten utzi. Etxekoekin ere hitz eginda nengoen, bila etorriko zitzaizkidala esanda, baina bota egin ninduten kartzelatik inork espero ez zuenean. Inor ez neukan zain. Hilaren 27an bertan, telefono-deia egin etxera, Kordoban den taxilari solidario bati ere deitu, eta horrela konpondu ginen gutxi gorabehera. Azken ziztada izan zen. Egin eko kazetari izandako Iñaki Iriondok ere horixe hartu zuen hizpide egun hartan. Zioen kale gorrian utzi zintuztela zure zain zeuden egunaren bezperan. Zital jokatu zutela horretan ere. Bai, bai… Oso berezia izan zen. Atxilotu gintuzten eguna bezain berezia. Sententziari nola aurre egin eztabaidatzen ari ginela detenitu gintuzten. Espetxera eta kito. Hortxe bukatzen zen auzia. Dena dela, atxilotzea hor dago, eta hor egongo da beti, baina libre geratu nintzen eguna gogoratzen dut nik, lagunekin elkartzeko eguna dut, nolabait esateko. Sei urte kendu zizkizuten. Ez, ez… ez dizkizute kentzen, ezin dizkizute kendu. Bizitza arruntetik ateratzen zaituzte, kartzelan sartzen zaituzte, eta han dirau zure bizitzak, bizitzen jarraitzen duzu. Ez dira urte galduak. Zeure barneak ez ditu galtzen. Hor dira esperientziak, hor dira kartzelan ezagutzen dituzun pertsonak. Esperientzia gogorra da kartzela, askatasuna galtzen duzulako, eta askatasunarekin batera, eta dispertsioarekin, askoz ere gauza gehiago. Beti zelatatuta, egun osoa zaintzapean. Elkarrizketak entzuten dizkizute, bisak kontrolatzen dizkizute eguzkitik ilargira, zuri buruzko partea ematen dute zaindariek egunero… eta orduan, zuk zeure espazioak sortu eta zaindu behar dituzu. Zeurea da denbora. Lehen graduko presook hogei ordu ziegan igarotzen ditugu, eta ordu horiek zureak beste inorenak ez dira, zeuk bete behar dituzu, eta hor hasten da zure lana. Zer lan? Pertsonala, zeure buruari buruzko lanketa sakona. Dituzun trebetasunak ordu arte ez bezala baliatzen hasten zara. Beharbada ez zenekien eskulanak egiteko erraztasuna zenuela. Birziklatzea bera ere mundu bat da kartzela barruan. Oso gauza gutxi dituzu eskura, eta beraz, haiek berrerabiltzen ikasi behar duzu. Nik asko ikasi dut horretan. Jakina, kolektibo bateko partaide sentitzea ere ez da hutsala, kideekin sortzen den harremana ere polita da, harreman horiek lantzea, garatzea, zaintzea. Jendea beste modu batera zaintzen ikasten da kartzelan, dela zure hurrekoak, dela preso sozialak. Hor da preso dauden emakumeen egoera ere. Ikusezina zeharo. Han bai, han ikusten duzu. Ikusten duzu bortizkeria matxistaren eragina, ikusten duzu droga-menpekotasunak zertara jartzen duen emakumea. Emakumea bigarren mailakoa da gizartean, eta are bigarren mailakoagoa kartzelan. Hego Amerikatik etorritako emakumeen egoera dut beti gogoan. Droga karga txikiarekin datoz asko, hango edo hemengo aireportuan harrapatzen dituzte, eta sekulako sententziak jasotzen dituzte. Badakit batzuk mugidakoak izango direla, baina asko behartsu hutsak dira, mila edo bi mila euro –fortuna osoa, haientzat–, irabaztea dute amets, eta aldiz, espetxean bukatzen dute. Oso gogorra da hori. Dueñaseko (Zamora, Espainia) kartzelako korridorean irakurri nuen: "25. artikulua 2.- Zigor askatasun-gabetzaileek eta segurtasun neurriek berreztea eta gizartean birsartzea dute helburu, eta ezin daitezke lan bortxatuak izan…". Ba ote? Kordoban, Errespetu modulua zen gurea. Presoak birgizarteratzea helburu duena, berariazkoa. Baina han erabiltzen zituzten neurriak moja barnetegi batekoak edo kuartel batekoak ziren. Oso neurri zorrotzak, inor birgizarteratzen laguntzen ez dutenak. Almazen hutsak dira kartzelak, jendea han sartu, baztertu eta bertan ahazteko tokiak. Zigortzea beste helbururik ez du kartzelak. Begira, laster dira hauteskundeak Espainian. Hor dira betiko alderdiak eta alderdi berriak: inork ezer esan al du espetxe politikari buruz? Esango al du inork ezer? Eta ikaragarria da: neurri gogorrak, egoera latza, jendearen suizidioak… Eta inork ez du kuestionatzen espetxe sistema. 70.000 omen dira kartzelatuak Espainian. Horrexek erakusten du ondoen zertarako diren espetxeak. Preso politikoen kasuan askoz okerragoa da egoera. Ahaztuta dauzkagu presoak? Nik uste Euskal Herrian Espainian baino sentsibilitate handiagoa dagoela presoekiko. Preso politikoak ditugulako ere bada hori, eta preso sozialen alde hor da Salhaketa, beti lanean. Baina Espainiako Estatuan, bost axola presoak. Ez nuke esango ahaztuta dauzkagula, jendeak badaki preso politikoak ditugula, badu senideen egoeraren berri, elkarte honen eta haren albistea jasotzen du, baina lanean inplikatzeko behar besteko kontzientziarik ez du. Gatazkaren erakusgarririk gordinena, berriz, desagertu egin da, eta arazoa bukatu dela ematen du. Presoen egoera, berriz, politikariek elkarri zer edo zer leporatzeko gaia bihurtu dute, eta horrek ez dio gizarteari laguntzen. Bilbon urtero eguberrietan egiten den manifestazio erraldoia gorabehera… Bai, baina dena ezin da izan Bilboko manifestazioa. Horregatik ari gara Saren Bilboko manifestazioaren biharamunean lanean. Jendartea aldatu egin da, ordea, eta atxikimendu modua ere bai: errazago da jendea konpromiso puntualetara biltzea, egunean eguneko ekintza iraunkorretara konprometitzea baino. Elkarte guztion arazoa horixe da gaur egun. Guri dagokigunez, jendea mobilizatzea baino, kontzientziaraztea nahi dugu, sufrimenduak irauten duela kontura dadin. Nork bere sufrimendua du, eta izango du, baina, sufrimendu berririk ez da sortzen, presoen egoerak sortzen duena izan ezik: senideen bidaiek segitzen dute, presoen egoera makurrak segitzen du, preso gaixoen egoera gero eta larriagoa, libre behar zuten presoen egoera, sententzien konputoaren inguruko auzia… Beltza da egoera, atzera ari gara, bizi baldintzak gero eta okerragoak dira: Espainiako Estatua jolasean ari da preso eta senideekin. Zer egin behar dugu jolas edo joko maltzur horri kontra egiteko? Kezka konpartitu, zabaldu, eta zenbait jende aktibatu aferaren inguruan. Afera hori ez da ezker abertzalearena bakarrik, euskal gizartearena da. Ezin da hainbeste preso politiko izan hiru milioi ez dituen herrialde batean. Zerbaiten erakusgarri da, zerbaiten seinale. Soluzioa behar du. Presoak etxera ekarri behar ditugu. Euskal Herriko espetxeetara, eta etxera. Amnistia izena eman diezaiokegu, edo ez, baina prozesu baten ondorio, presoak etxera itzuli behar dira, eta modu duinean. "Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti", Joseba Sarrionandiaren poema da. Lagunek esaten didate espetxetik pasatu garenok badugula ukitu bat, handik pasatu ez denak ulertu ezin duena. Baliteke. Espetxeak aldatu egiten zaitu, nahitaez. Bizitzari buruzko bestelako ikuspegia dugu. Bestelako balioak dituzu. Saluri ere [Jabier Salutregi, Egin eko zuzendaria] entzun diot, kartzelatik irten ondoren gehiago maite duzu jendea, gehiago baloratzen duzu, ezagutzen ez duzun jendearekin harremanetan jartzeko erraztasun handiagoa duzu. Salutregi aipatu duzu, oraindik orain irten da libre. Gure sumarioan zirenetatik Karlos Trenor eta Joxean Etxeberria geratzen dira barruan. Egin ez da libre aterako inoiz. Betiko lurperatu zuten egunkaria, eta langile askoren bidea. Zer esan zuten, bada, 2009an? Ez zutela itxi behar, horretarako arrazoirik ez zegoela. Baina hilda dago Egin . Zigor operazioa izan zen, Segiko gazteen kontrakoa bezalakoa. Absolbitu egiten dituzte. Ikusiko da zer gertatzen den Segura sarekadarekin, edo Herrira mugimenduaren kontrako operazioarekin. Zigor operazioak dira, Egin ekoa izan zen bezala. Ez zegoen egunkaria ixteko arrazoirik, baina deserosoa zen, gauza asko agerian uzten zuelako, bestek esaten ez zuena esaten genuen. Ezker abertzalearen aurkako operazio politikoaren barruan itxi zuten Egin . Hura baino lehen, Herri Batasunako Mahai Nazionala epaitu zuten 1997an bertan. Edozer gauza egiteko gai sentitu ziren. Aznarren hitz haiek-eta. "Uste zuten ez ginela ausartuko!". Edo Juan Mari Atutxaren 50 gramo amosal haiek, Euskadin egunero lehertzen omen zirenak, Egin adieraziz… Planifikatuta zegoen. Egin itxi eta gero, 18/98 makrosumarioa osatu zuten, eta haren barruan urtu zen Egin en auzia.
news
argia-9fadd471d720
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/pilota.html
Pilota
Joanes Etxebarria
2015-12-13 00:00:00
Pilota Asmatu behar banu, ez nituzke gehiengotzat joko aldizkari honen irakurlegoan pilotazaleak direnak, edo oro har, kirolzaleak. Baina, Titin eta Retegi arteko final famatu hura ikusi –beharturik bada ere– eta segur gehienak zainetan, emozionaturik edo bederen harriturik liratekeela. Kirolak dituen alde nazkagarriak zerrendatzearena behin eta berriz egin da eta ez du beste gogoetarako lekurik uzten, beraz utz ditzadan hegian. Alde ziragarri bat azpimarratzea baita hemengo xedea, nazkatuaren roletik. Pilotan maila apalean ari izan denak badaki zein kirol zaila den, mentalki bereziki. Anitz ziren, haur garaian, jokalari hobeak, partida luzeak, eskuko min bortitzak eta arnas estu luzeak; partiduak jokatzeko egin beharreko distantzia luzeak eta zafraldi ikaragarriak. Eta pilota zinez maite ez zuenak ez zuen segitzerik. Beti bazen, Arabatik Zuberoara, Olaizola edo Irujo bat pilotari xumearen ametsak pikutara igortzeko zafraldi monumentalen errepikapenez. Seme eta alabengan beren ilusio frustratu guztiak proiektatu dituen gurasoak bezala ikusi dut Mikel Urrutikoetxearen garaipen bikoitza. Zafraldi baten erdian burua altxatu eta aitzina jotzea miresgarria baita.
news
argia-758fb74f0903
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/ainara-ortega-musikaria.html
"Jazzean badaude bertsolaritzaren antzekoak"
Judith Montero
2015-12-13 00:00:00
"Jazzean badaude bertsolaritzaren antzekoak" Kontserbatoriotik piper egin eta Koldo Mitxelenako fonotekako bidea hartzen zuen biolina bizkarrean zintzilik. Beti jazz inguruko diskoetaraino. Orain, ametsak kantu bihurtu eta Scat jazz diskoaren inguruan borobildu ditu bere baitako "ni"ak. Ia barne terapia izan da guztia eta, orain bai, musika klasikoa aditzen du etxera iritsitakoan. Baina "beste era batera" dio. Bere "ni"ez gain, Iñaki Salvador, Hasier Oleaga eta Javier Mayor izan ditu proiektuan eta Amaia Zubiria, Mikel Andueza, Baptiste Techer eta beste zenbaiten ekarpenak ere biltzen ditu diskoak. Txikitatik musika giroan bizi izan zara, aita Incansables Txarangako "Canario" duzu eta ama Margari piano-jotzaile eta solfeo irakaslea. Musikariak biak. Amarekin ikasi nuen solfeo guztia. Eta Eduardo Lassalettarekin biolina. Gizon goxoa zen, biolinera maitekiro hurbildu gintuen. Garai hartan gure etxea akademiatxo bat zen, beti ikaslez beteta, txirrinak, haurrak, gurasoak, musika, pianoa, kantua... Eta aitaren txarangaz, zer esan, erotu egiten ninduen. Biolinarekin bere diskoak behin eta berriz jotzen nituen, txarangaren soinuari hain ondo ematen zion... Baina Gradu Profesionaleko Kontserbatorioan bestelako esperientzia izan zenuen, nahiz eta ikasketak amaitu... Bai, gogor eginda bukatu nituen, han ezin zelako musikarekin jolastu, sistema zaharkituarekin egiten delako lan. Bukatutakoan, ohe azpian sartu nuen biolina, hautsa hartzera. Saturatuta bukatu nuen eta unibertsitatera joan nintzen Psikologia ikastera. Abesti bat ere eskaini diozu Kontserbatorioko giro horri. Chopinen Nocturno batekin hasi eta Brasilgo bossa-nova batekin amaitu, askoz kontentuago. Katarsia? Zalantzak neuzkan kantu hori diskoan sartzearekin baina hainbestek esan dit identifikatuta sentitzen dela... musika jolasa dela, egiten ari garena ez dela "hain garrantzitsua", gaizki eginda ere hemendik edo handik tira eta eboluzionatzen joan gaitezkeela, alegia, ondo aritzeko geure buruari gaizki egiteko baimena eman behar diogula. Horiek guztiak gerora jazzarekin landu ditudan balioak dira. Deigarria eta ederra iruditu zait diskoan hau irakurtzea: "Eskerrik asko Koldo Mitxelena Kulturuneko fonoteka hornitzen dutenei, hantxe amestu bainuen lehendabizikoz abeslari nintzela".  Erotu egin ninduen hura ikusteak, diskoz beteriko espazio hark! Askotan Kontserbatorioko eskolaren bat uzten nuen hara joateagatik. Diskoak ateratzen nituen eta, egia esan, beti jazz inguruan bukatzen nuen. Estetika ilun haiek, aurpegi beltz horiek, bluesak... guztiz harrapatu ninduten! Han hasi nintzen jazz abeslariak entzuten. Gerora Iñaki Salvadorrekin armonia modernoa ikasten hasi nintzen. Orduan hasi ziren antolatzen Zarauzko Jazz Mintegiak eta Sheila Jordan abeslaria entzun, eta markatu egin ninduen. Garai hartan Musikenen Jazz Departamendua jarriko zutela, eta bertan hasi nintzen. Ohartu nintzen hura zela nire lekua. Han guztia zen argia, ilusioa, ikaskide zoragarriak, gertukoak, munduan erreferenteak ziren irakasleak ekartzen zizkiguten, ametsa bezalakoa izan zen guztia. Eta Musikene bukatuta, zer? Ba, amildegi handi bat, egia esateko. Handik atera eta irakaskuntzako zerrendetan sartzeko titulazioarekin arazoak ditugula ikustean, emanaldiak ere oso urriak direla ikusten duzunean... Ba, korapiloa ederra da, bai. Urte gogorrak izan dira. Scat da zure diskoaren izena... Scat-a jazzean ahotsarekin egiten den inprobisazioa da. Silabak tartekatuz, esanahi zehatzik gabekoa. Egiten duzun abiaduran inprobisatzeko, zein lan egiten duzu? Musika-tresnekin bezala egiten da etxeko lana. Pianoarekin aritzen naiz denbora askoan. Armonia landu eta buruz ikasten dut. Eta lehendabiziko buelta batean "belarriz" inprobisatzen saiatzen naiz, arrazionalki gehiegi pentsatu gabe, ahal dudan modurik naturalenean. Ondoren armoniaren eta eskalen lanketa sakona egiten dut, arrazionaltasunaren galbahetik pasatzen dut guztia, aukera berriak, "tentsio" interesgarriak bilatuz. Kantuan bai baitugu muga bat, barnean "entzuten" ez duguna ezin dugu kantatu. Beraz, armonia horri aukera berriak bilatu eta gero baliabide hori neure bilakatzen saiatzen naiz. Ondoren  kontzertuan bat-batean erabili ahal izateko. Kontzertuan ez baitago notetan pentsatzen hasteko astirik. Bertsolarien bat-batekotasuna eta haien prestaketa lana datorkit burura zuri entzunda.  Bai, jazzean ere badaude testuekin jolasten dutenak baina askotan hitzen bat, esalditxoren bat, zertzelada txikiren bat izaten da. Badago Ella Fitzgeralden Mack the Knife Berlingo zuzeneko emanaldiaren grabazioa non, letra ahaztu eta bat-batean inprobisatu egin zuen, izugarri famatu egin zen, historiko bilakatu da grabaketa hori. Bluesean ere letrak inprobisatzen dira. Beraz, badaude bertsolaritzaren antzekoak jazzean ere. Irakurri zaitut esanez zeure diskoa jazz etiketaduna dela, ia haserre puntu batekin. Zergatik hori? Kar, kar! Ez da haserrea baina bai apropos egindako zerbait. Aspertuta nago "ez nuke neure musika etiketatuko" entzuteaz. Ironiaz esaten dut iritsi dela puntu bat ez dituguna geure miseriak eta zorionak erakutsi nahi, eta "ni halako naiz" esatea kosta egiten zaiguna, geure dohain eta gabeziekin, baina "halako". Garena. Jarrera snob horren aurrekoa da nire baieztapena. Diskoko argazkia oso Billie Hollidayren estetikakoa da, ezta? Lore gorria buruan eta iluna, gorria, beltza... Baina pajaritaz eta gizon trajez jantzita gero. Bai, alde batetik etiketa horretan sartu nahi nuelako dago lorea; eta nik horrelakoak askotan eramaten ditudalako. Eta gizon trajearena, ba, aspertuta nagoelako "abeslari sexy"aren topikoaz, emakume, gizon, jazzman, jazzwoman, biak daude nire baitan. Lorea emakumearen topiko bezala, pajarita gizonarena... Jazz musikaria naiz eta ahotsa da nire musika tresna. Ez dago besterik. Zer egingo duzu hemendik aurrera? Diskoarekin emanaldiak egingo ditugu: abenduaren 9an Victoria Eugenian dugu lehenbizikoa, Bilboko Bandarekin ere arituko naiz Euskaldunan abenduaren 20an eta antzerkian nabil New Orleansko Cyrano obrarekin. Gainera, ETBn urtarrilean hasiko den Eskamak Kentzen telesailean ari naiz. Gelditu gabe!
news
argia-2e99f2758717
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-2.html
Euskal Herrian ere zail dute errefuxiatuek
Mikel Garcia Idiakez
2015-12-13 00:00:00
Euskal Herrian ere zail dute errefuxiatuek Euskal Herrian asiloa eskatzen dutenek zein bide egin behar dute, zein baldintza eta egoeratan? Eta Europar Batasunak bideratuta datozenen kasuan, ezberdina al da prozesua? Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordearen zuzendari Patricia Barcelonari galdetu diogu. Europar Batasunaren eskutik, hamar lagun baino ez dira iritsi Euskal Herrira oraingoz (hiru eritrear Bilbora, eta afganistandar, eritrear, tajikistandar, aberrigabe bana eta hiru sudandar Baigorrira). Baina ohiko bideetatik iaz adibidez 125 bat asilo eskaera tramitatu zituzten Hego Euskal Herrian (gehienbat, Saharaz Hegoaldeko herritarrak). Ohiko prozedura Europar Batasuneko herrialde guztietan berdina dela kontatu digu Patricia Barcelonak, Genevako Hitzarmenean oinarritua. Dena den, herrialde batzuek ez dituzte zuzentarauak betetzen eta Grezia adibidez behin baino gehiagotan ohartarazi du EBk, gutxiengoak ere ez bermatzeagatik. Gure kasuan, Espainiako eta Frantziako estatuek dituzte eskumen guztiak gai honetan, eta antzera jokatzen da bietan; eredua da aldatzen dena –aterpea pisuan edo zentroetan ematea, esaterako–. Iritsi eta asiloa eskatzen duen herritarrak bi babes galdegin ditzake: errefuxiatu izaeraren aitortza eta babes subsidiarioa. Hilabeteko epean, eskaeraren tramitea onartu edo ez erabakitzen da, eta lehen fase hori gainditzekotan, behin betiko erabakia hartu arteko prozedura abiatzen da. Bitarte horretan, errefuxiatuari bermatu behar zaizkio bere eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa, dokumentazioa, aterpea eta oinarrizko behar sozial, juridiko eta sanitarioak. "Teorian, legeak dio erabakia hartzeko prozedurak 6 hilabete iraungo dituela, baina 5 urte iraun dituen kasuak ere baditugu. Eskatzailearen jatorriak badu zerikusirik: Gobernuak aurreikusten duenean jatorriko herrialde horretan dagoen gatazka epe ertainean konpondu daitekeela, konpondu arte itxaroten du behin betiko ebazpena emateko. Eta ebazpena izango da asiloa ukatzea, gatazka konpondu dela arrazoituz. 'Zuhurtzia irizpidea' deitzen duten hori askotan aplikatu du Espainiako Gobernuak, Ukrainarekin eta Afrikako herrialde ugarirekin, Maliren kasuan, Boli Kostarenean… eta horregatik daude hainbeste espediente erabakitzeko horrenbeste denbora irauten dutenak". Erabaki bitartean, gure artera etorri denak ez du egoera samurra bizi: ezin du lanik egin eskaera prozedura hasi eta sei hilabete pasa arte. "Praktikan –gehitu du Barcelonak–, sei hilabete horien ostean ere zailtasun handiak dituzte, enpresa eta partikularrek sarri ez baitute haien dokumentazioa ulertzen, behin-behinekoa dela ikusten dute. Gainera, behin betiko ebazpenaren zain, ziurgabetasun hori antsietate handiz bizi du askok –ukatua izateko aukeraren beldur–, eta batzuek eskaera bertan behera utzi eta alde egiten dute azkenean, erantzunik ez dutelako jasotzen". Behin espedientea ebatzita, hiru aukera daude: errefuxiatu estatutua ematea, arrazoi humanitarioak aitortzea, edo ukatzea. Ukatuz gero, paperik gabeko migratzaile bihurtuko litzateke. Horrek dakarren guztiarekin. Ezberdina da Europako herrialdeetan birkokatzeko EBk bideratu behar dituen 160.000 errefuxiatuen kasua. Prozedura azkarragoa da: ez dira zuzenean Euskal Herrira iritsi asilo eske, Europara iritsi dira eta lehenengo urratsa emana dago –eskaeraren aukera onartua dago–. Hortik aurrera, "espero dugu larrialdi prozedura aplikatuko zaiela eta gehienez hiru hilabetetan hartuko dela haien gaineko behin betiko erabakia", dio Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko zuzendariak. Batzordea bera, Gurutze Gorria eta errefuxiatuekin lan egiten duten elkarteak arduratzen dira asiloa eskatu dutenen babes sistema kudeatzeaz –aterpea bilatzeaz eta abar–, baina lehen aipatu moduan, estatuetako gobernuena da eskumena. "EAEko eta Nafarroako gobernuek eta tokian tokiko udalek egin dezaketena da sistema hobetu, hutsuneak dituelako; bai iristen direnetik babes sisteman sartzen diren arte, bai gero hortik ateratzeko, eta bai babes sistema horren barruan daudenean ere, batzuetan ez dagoelako baliabide nahikorik dituzten premiei erantzuteko". Paris, aurreiritziak eta elkarbizitza Patricia Barcelonaren hitzetan, "Parisko atentatuek batzuen xenofobia berpiztu dute, baina elkartasun olatu handi bat ere ikusten da, eta hori guztia da baloratu eta azpimarratu behar duguna. Errefuxiatuen birkokapena modu antolatuan egiten bada, erkidego eta herri mailako instituzioen inplikazioarekin, atzerrikoenganako eta errefuxiatuenganako begirada baikorra gailendu daitekeela uste dut. Burua immigrazioarekiko elementu negatiboz bete nahi izan digute, aurreiritziz josi gaituzte, eta unea izan daiteke horri buelta eman eta dagoeneko errealitatea den aniztasuna baloratzeko, elkarbizitzaren mesedetan". Integrazio politiken porrota :  http://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala Eta Europara iristean zer? :  http://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/errefuxiatu-krisi-globala-3
news
argia-2f0d72144b4e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2487/eduki-biralak-sareko-euskal-komunitatean.html
Xabier Saldiasek Whatsappean funtziona dezake (eta badakizu)
Kepa Matxain
2015-12-13 00:00:00
Xabier Saldiasek Whatsappean funtziona dezake (eta badakizu) Zaila bazirudien ere, Whatsappak eta gisako aplikazio mugikorrek are gehiago azkartu dute edukiak kontsumitzeko modua. Kode bisualean funtzionatzen dugu, begi kolpe bakarrean uler daitezkeen irudiak nahi ditugu. Inondik ere, testuinguru paregabea da eduki biralentzat. Baina sortu al daitezke halakoak euskaraz, hain komunitate txikia izanik? Zein funtzio betetzen dute #euskalGIF moduko ekimenek? Antzeko galderen bueltan jarri ditugu sareko katramiletan aritu ohi diren hiru lagun: Joxe Rojas, Ana Malagon eta Galder Gonzalez. Era guztietakoak daude. Ikus daitezke, esaterako, Anne Igartiburu eta Anjel Mari Peñagarikano urteberri ospakizunetan, elkarri ezpain-muxu azkar bat ematen, xanpain edalontzi luzangekin topa egin bitartean. Edo Carlos Iturgaiz parlamentuan, alboko eserlekuan behar zuen despistatuaren ordez bozka-botoia sakatzen, jolasten eta enredando . Edo Odon Elorza, barrikadetarantz bidean, gabardina zabal, bularra irmo, harik eta ezustean atzera egin eta auto baten atzean ezkutatzen den arte. Edo Roberto Moso, Nerbioi ertzean, deabruak hartu bailuen dantzan. Nork daki, agian aurrerantzean historiara igarotzeko ez da liburu handietan agertu beharrik izango. Aski izan daiteke GIF zaztar baten buklean betirako izoztuta geratzea.  Noski, horretan dabilenak ez du, zorionez, tamainako asmorik izaten. Gehienetan –ez beti– barre pixka bat egiteko erabiltzen dira. Baita euskaldunen artean ere. Berriki aldarrikatu du Joxe Rojasek euskarazko GIF-ak behar direla, euskal twitterlari saldoak egin dio amuari kosk –bilatu #euskalGIF Twitterren–, eta horrekin batera mahaigaineratu da sareko eduki biralen gaia. Sare sozialen garaiotan, komunikazio molde berri bat ari da gailentzen, geroz eta bisualagoa, mamiaren aldean azkartasuna hobesten duena. Eduki biralentzat oso aproposa da hori, Rojasen ustez, "sinpleak direlako, begi kolpe batez ulertzen direnak, eta laburrak, errepikatzeko errazak".  Galder Gonzalezen irudiko, sare sozialetan kontua ez da edukia jasotzea, jaso duzula adieraztea baizik. Horregatik lortzen dute eduki batzuek une jakin batean hainbat lagunen arreta piztea: adieraztearekin bat kutsatu egiten dute. "Agian ikusita duzu bideoa , baina ez duzu ezer esan. Orain, ordea, parte hartu nahi duzu besteen elkarrizketan. Internet, funtsean, elkarrizketa da".  Baina zein ezaugarri bete behar ditu eduki batek birala izateko? Ana Malagonek ez du uste formula jakin bat dagoenik. "Une jakin bateko testuinguruarekin edo egoera animikoarekin bat egiteko gaitasuna azpimarratuko nuke. Hartzailearekin maila pertsonal batean, edo gaurkotasun sozialarekin modu orokorragoan". Rojasi bururatzen zaizkio ezaugarri gehiago: laburra izatea eta azalpenik gabe ulertu ahal izatea. "Umorea ere garrantzitsua da, noski". Gonzalezentzat, berriz, edukiaren iruditeria bere egingo duen komunitate bat da ezinbestekoa: "ARGIAren jarraitzaileok pentsatzen dugu Beranduegiren txisteak asko barreiatzen direla. Baina badira sare sozialetan dabiltzan milaka gazte euskaldun zertaz ari garen ez dakitenak. Beraiek beren eduki biralak izango dituzte, komunitate bat baldin badago". Horregatik iruditzen zaio biraltasuna gaizki ulertzen dela sarri: " Sor ditzagun eduki biralak bezalako esaldiak entzuten ditugu, baina alderantziz behar luke: sor dezagun komunitate bat, eduki batzuk barreia ditzakeena. Biraltasuna da Whatsappean eduki bera hiru lekutatik oso denbora gutxian jasotzea".  Iruditeria kolektiboa finkatzeko tresna Apenas zegoen euskal GIFik orain bi hilabete inguru Rojasek bere blogeangaia atera zuenean: "GIF animatuak ingelesez topa daitezke, gazteleraz, frantsesez… baina euskaraz?". Gabezia bati erantzun nahi izan zion, berak dioenez: "Whatsapp taldeetan etengabe hedatzen dira eduki biralak. Eta guretik sortutako edukirik ez badago, beste batzuek sortutakoetara jotzen dugu. Seguru nago gure gaztetxo askok ez dakitela nor den Xabier Saldias, baina Julio Iglesias askoz ezagunagoa egiten zaiela, bien lan diskografikoa guztiz ezezaguna izan arren". Horregatik iruditzen zaio GIFak iruditeria kolektiboa finkatzeko eta erreproduzitzeko bide egokia izan daitezkeela.  Gonzalezi ere garrantzitsua iruditzen zaio eduki horiek Euskal Herriko errealitatean sortzea. Beste kontu bat da euskaldunon artean komunitate bat baino gehiago egon daitezkeela. "Lagun euskaldun bati bidali nizkion niretzat barregarriak ziren #euskalGIF batzuk, baina harentzat ez zuten graziarik". Hala ere, tresna egokiak iruditzen zaizkio umore propioa lantzeko eta, zorte pixka batekin, euskarara eta "gure mundu ikuskerara" jende berria erakartzeko. Rojasek antzera pentsatzen du, euskaratik sortutako memeek erdal komunitatearekiko zubilana bete dezaketela. "Sarritan, irudia da memearen osagai nagusia. Horrek lagundu dezake euskaraz ondo ez dakitenek ere euskal memeak erabil ditzaten, eta, besterik ez bada, iruditeria kolektiboan euskal erreferenteak txertatzeko modu ona izan daiteke".  Erabilpen guztiz praktikoa dute GIFek Malagonentzat. "Ia edozer gauza adierazteko komunitate afro-amerikarrak Oprah Winfreyren GIF animatuak erabiltzen dituen bezala, lagungarria litzaiguke gure erreferente amankomunak erabiltzea gure 140 karaktereko adierazpenak ulergarriagoak egiteko. Ez dugu Oprah bezalakorik baina, tira, Goenkaleko Maria Luisa dugu".  Umoretik harago Meme, GIF eta tankerakoak umoretik sortu ohi diren arren, erregistro horretatik harago ere baliagarriak dira. Hala dio Rojasek: "Bi paragrafoko testu bat sor dezakezu azaltzeko lehendakaria epela baino gehiago dela autodeterminazio kontuekin, edo 'nazioforala' bezalako bi hitzekin meme bat egin dezakezu gauza bera esateko. Ez dut uste halakoetan umorea denik memearen kargarik handiena". Hala ere, ukaezina da eduki biraletan umoreak arrakasta handiagoa izan ohi duela, Malagonen ustez. "Gauza labur eta arinen bila gabiltza. Ohartu behar dugu zenbaterainoko presentzia duten sare sozialek eta mezularitza sistemek gure aisialdian, lan orduetako aisialdia barne".  Biraltasunaren gaia ez da berria. " Goviral! " (kanpaina birala izan dadila!) egiten zuten aldarri orain hamar urte online publizitate agentzietan, Malagonek oroitzen duenez: "Egun ez dakit horrela den ala amore eman duten ikusita birala izan behar zuen zerbait bilatzen zen bakoitzean ez zela biraltasunik lortzen, eta, alderantziz, bilatzen ez zenean lortzen zela". Rojasek eta Gonzalezek gogoan dituzten kanpaina biral batzuk zerrendatu dituzte: politikan, "V de Bildu", adibidez. Publizitatean, berriz, Euskaltelen Patxiii! famatua, Kelerren Epa!, eta ARGIAren #darpidegu kanpaina. Beste bat ere oroitu du Rojasek: "Bartolo jatetxearen Euskadi Irratiko iragarkiak. Hain dira atorranteak, nahita eginak direla pentsatzen hasia ere banago. Biraltasuna bilatzeko egin dituzte horrelakoak, ez dago beste azalpenik". Naturalak izan, eta kito Euskarazko eduki biralez aritu beharrean, euskal eduki biralez aritu behar genukeela uste du Rojasek. "Horrelakoetan hizkuntzaren karga txikia izaten da, mezu nagusia irudian egoten da, eta hori gure alde baliatu behar dugu". Adibide bat oroitu du: "Orain urte batzuk oso modako bihurtu zen Eduard Khilen Trololo kantu hura, errusieraz arrastorik ez genuen arren. Barkatuko dit Xabier Saldiasek, baina bere 'olereili' eta antzekoak ez al dira esportagarriak?". Bestalde, ez zaio iruditzen edukiak mundu osora zabaltzea ezinbestekoa denik. "Lortzen badugu meme batzuk euskal tribuaren barruan zirkulazio handia izatea, lorpen handia izango da, kontuan izanda guk baino askoz gehiago kontsumitu eta produzitzeko gai diren hizkuntz eta kultur komunitate erraldoiz inguratuta bizi garela". Antzera uste du Gonzalezek: "Biraltasuna ez da komunitatearen tamainaren araberakoa, komunitate horretan sortzen duen erreakzioaren araberakoa baizik".  Euskal memegintza hasi besterik ez da egin. Eta biderako, kasik hobe hainbeste nekatzen gaituen nazio eraikuntzaren motxila eranztea. Malagonek garbi dauka: "Gure adierazpenetan naturalak eta zintzoak izatearekin nahiko lan badaukagu".
news