id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-844a50826da2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/zis-ala-trans.html | Zis ala trans? * | Imanol Alvarez | 2018-09-16 00:00:00 | Zis ala trans? *
Boladan ei dago transgeneroak zinemaratzea. Ondo deritzot. Zinemak, beste ezein mediok bezala, errealitatea islatu behar du. Ez da kontu guztiz berria; lehenago ere ezagutu dugu pertsonaia transik, baita euskal zineman ere. Esperanza Royren Katalina Erausoren kasu, Javier Aguirreren La Monja Alferez -en.
Sortu da, ordea, ezbaia. Ez betiko atzerakoien aldetik, LGTB ekintzaile batzuengandik baizik. Salatu eta gaitzetsi dute gizon transak antzezteko emakume zis aktoreak hartu ohi direla, eta emakume transak antzezteko gizon zisak. Sona handiko bihurtu zen polemika Rub & Tug pelikulan Dante Gill mafiosoarena egiteko Scarlett Johansson hautatutakoan. Antzera jazo da Paco León andre transa delako La casa de Las Flores -en, edo Fanny Ardant andre transa ere Lola Pater filmean.
Hona galdera: zis gizonak edo zis emakumeak egokiak al dira pertsonaia transak antzezteko? Hona ene erantzuna: aktore onek egin behar dituzte paperok, zis edo trans diren begiratu gabe. Kasuan kasuan balioetsi behar da papera aktore bati ondo doakion ala ez, aurreiritzirik izan gabe zis, trans edo dena delakoa izateagatik.
Erabili ohi den argudioa, hots, lagun transen rolak lagun transek egin behar dituztela, baztertzailea da berez transentzat eurentzat
Pertsonaia emakume transa bada, aktoreak ere emakume izan beharko luke; ez da inporta zis edo trans den. Pertsonaia gizon transa bada, aktoreak ere gizona beharko; trans edo zis, baina gizona. Hori litzateke araua. Alta, beti egon litezke salbuespenak, pertsonaiaren arabera (transexual guztiak ez dira berdinak, zis guztiak ere ez diren bezala); aktorearen arabera (aktore zis batzuek badutelako sentiberatasun nahikoa, beste batzuek ez...). Bikain aritu zen Eddie Redmayne The Danish Girl- en. Tilda Swinton primeran Orlando -n. Jared Leto ere andre trans zoragarria Dallas Buyers Club -en. Victoria Abril, aldiz, ez zegoen sinesgarri Cambio de sex o-n. Ekidin behar dena da emakume mozorrotutako gizonezko aktore batzuek ematen duten irudi negargarria. Esaterako, Tony Cantók Todo sobre mi madre -n, edo are txarrago Dustin Hoffmanek Tootsie -n.
Erabili ohi den argudioa, hots, lagun transen rolak lagun transek egin behar dituztela, baztertzailea da berez transentzat eurentzat, hiru ziorengatik. Lehenen, paper-mota bakarrerako mugatuko genituzkeelako. Bigarren, gosez hiltzera zigortuko genituzkeelako, oso pertsonaia trans gutxi baitago zine-industrian, eta zis batek ezin badu trans batena egin, arrazoi beragatik trans batek ezingo luke zis batena egin. Azkenez, euren nahien kontra ere badoalako: emakume transak emakume izan gura du, adjektiborik gabe; berdin gizon transak.
* Zisgenero : jaiotzean esleitutako sexua eta genero-nortasuna bat datozkion pertsona; transgenero -aren kontrakoa. | news |
argia-e52631daf654 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/egipto-aigyptos-baino-lehen.html | Egipto, 'Aigyptos' baino lehen | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-09-16 00:00:00 | Egipto, 'Aigyptos' baino lehen
Antzinako greziarrek Egiptori Aigyptos esan zioten, eta erromatarrek, aldiz, latinez, Aegyptus. Eta hortik dator Afrikako herrialdearen egungo izena.
Estrabon (K.a. 64 edo 63 - K.o. 19 edo 24) geografo eta historialari greziarrak jaso zuen toponimoaren etimologia; haren arabera, izen horrek "Egeoaz harago" esan nahi du (Aegaeon uptiōs).
Baina hori baino lehen bertakoek bestela esaten zioten beren herrialdeari: Kemet. "Lurralde beltza" esan nahi du, urteroko ur goraldietan Nilo ibaiak uzten zuen lohi iluna zela eta. Lur emankorretatik haragoko eremuari, basamortuari, aldiz, Deheret eta "lurralde gorria" deitzen zioten antzinako egiptoarrek. | news |
argia-873c444089e8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/itsasontzi-bat-harresietan.html | Itsasontzi bat harresietan | Irati Majuelo Itoiz | 2018-09-16 00:00:00 | Itsasontzi bat harresietan
Sodade ikuskizunaren kronika. Abuztuaren 22an Iruñean, Ziudadela parkean eskainitako emanaldia, Harresietako Jaialdiaren baitan.
Bi makil eta mihise bat. Haur baten udako txabola izan zitekeen, gau sargorien babesleku. Baina ez, itsasontzi bat da eta hiri erdian dago. Harresiak besterik ez ditu inguruan, baina arreta jarriz gero, ez dago harresirik: itsasoan gaude. Haizea fuerte dabil, zabal-zabalik oihalak. Kontrabaxuak sokak tenkatu ditu eta ahots batek gidatu gaitu kantuz; nor bere portura.
Gaua da Iruñean, eta iluntzero bezala, aspaldian erbesteratutako gizon bat hurbildu da itsasertzera, haurtzaroko eta helduaroko ametsak elkargurutzatu eta desorekatzera. Itsasontziaren mastatik, bere txikitako nia ikusi du hurreratzen: "Izeba, nik hara joan nahi dut. Nora, ortzi-mugara? Hurbildu ahala, ordea, urrundu egiten da".
Utopia horretatik abiatuta, apurka-apurka hasi dira tripulazioko kide guztiak agertzen: funanbulista, dantzaria, kontrabaxu-jolea, abeslaria, akrobata, orekaria. Gutxinaka biluztu dute gure itsasontzia ikusleen aurrean. Soka amaigabe batek mugiarazten du fadoaren erritmoan, olatuen joan-etorrian, bi gurpilen polean eurek bizitza harat-honat ibiltzen duten eran. Orekari desafioa egiten dabiltza orekariak, sokaren gainean ibilian, munduaren hauskortasuna kantuz kantu akrobazietan harilkatzen duen jolasean. Itsas zabalean zabuka, geure imajinazioari itzulipurdia egin diote eta haiekin batera ezerezera jauzi egitera gonbidatu.
Isiltasuna. Kontrabaxuak bere soka bakoitzarekin egin nahi du dantza, loop amaigabean. Tango doinuak heldu dira portu aldera. Abeslariaren doinu kartsuen laguntzaz igo da orekaria soka artera, bere buruari tango bat eskaintzera. Bakarrik, heldulekurik gabe, baina bere etxeko egongelan egonen balitz bezala egin du dantza lurretik hiru metrora. Laster batu zaio bigarren orekaria, gero hirugarrena, elkarrekin eta elkarren begiraden babes bakarpean, gurpilek mugitutako soka gainean azken erokeriak egiteko. Orduan esnatu dira harresiak, eta gauaren posibilitateei keinu eginez, dantzarien pausoak Ziudadelako harrizko hormetan biderkatu dira.
Argi-itzaletan, itsasertzera hurbildutako gizonaren hizketak olatuen gisa jarraitzen du, itsasoaldi osoan zehar harilkatutako hausnarketak musikaren erritmora kulunkatzen. Olatu bat irudimenera. "Ozeanoak marraztu zeruertzak irekitzeko". Olatu bat errealitatera. "30 urte ditut eta bakarrik nago itsasontzi honetan". Olatu bat memoriara. "Itsasontzia nire aurpegia da". Azken olatua. "Hainbeste nabigatu ostean, zimurrak baino ez ditut nire barnean". Kontrabaxuak abisatu gaitu: ehunka poema aireratu dira Iruñeko itsasoetan. Haizea baretu da. Itsasontzia ainguratu dute. Argiak itzali.
Mekanika poetikoa da Cirque Rouages-ek oparitu diguna: bizitza bat soka baten gainean, gurpilen antzera beti ibili badabilena, eta izarapetik izarpera amets eginarazten diguna. | news |
argia-e6a3c397b918 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/ondare-publikoa-berreskuratu.html | Ondare publikoa berreskuratu | Juan Mari Arregi | 2018-09-16 00:00:00 | Ondare publikoa berreskuratu
Espainiako Gobernuak publiko egingo du Eliza Katolikoak 1998tik immatrikulatutako ondarearen zerrenda ofizial osoa, nahiz eta hobe litzatekeen 1939tik aurrerakoa egitea.
Eliza bere ondasunak egiaztatzetik salbuetsita egon da 1946tik 2015era arte. Nahikoa zen gotzainak balekotzat ematea. Beraz, ondasun publiko eta pribatuen bereganatze masiboa zein izan den ezagutuko dugu orain. Baina jadanik badakigu immatrikulazio horiek milaka eraikin eta lur –kasu askotan lur komunalak– jasotzen dituztela: zenbaiten arabera, Espainiako Estatu osoan 40.000 eta 60.000 artean dira Elizaren ondare zerrenda handiari gehitu zaizkionak; estatuko BPGren %2 izan liteke hori, PWC aholkularitzaren arabera.
Hego Euskal Herrian ondare publikoaren aldeko herri ekimenak sortu dira, Nafarroako Ondarearen Babeserako Plataformaren eta zenbait erakunderen partetik –Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan–. Ekimen horiei esker badakigu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 505 ondare immatrikulatu direla gutxienez epe horretan, eta Nafarroan 1.087. Denera 1.592 ondare erregistratu ditu Elizak –udalerri bakoitzeko hiru baino gehiago dira–. Horietako asko tenplu erlijiosoak eta ermitak dira, baina badaude baita ere orubeak, lursailak, plazak, frontoiak, futbol zelaiak, hilerriak, aurriak, pinudiak, olibariak...
Honek guztiak erakusten du Eliza, denboran barrena, kasu askotan modu ilegitimoan ondare pribatu eta publikoaren jabe egin dela. Garaia da behingoz argitzeko zer gertatu den; eta zerrenda ofizial hori publiko egin ondotik, Elizak lan egin beharko luke inongo legitimitaterik gabe kendutako ondarea itzultzen hasteko. Bete dezala bere mandamentuekin. Zazpigarrenak halaxe dio: "Ez duzu ostuko". | news |
argia-165e23af138e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/periko-berrioategortua-2.html | Elkartasun eta konpromisoaren irribarrea | Urko Apaolaza Avila | 2018-09-16 00:00:00 | Elkartasun eta konpromisoaren irribarrea
Abuztuaren 3an hil zen Pedro Berrioategortua Murgoitio (Apatamonasterio, 1928 – Zornotza, 2018), frankismo garaian abade, erregimenari aurre egin zion borrokalari nekaezina. Kamioiarekin freskagarriak banatzen zituenean nola Guardia Zibilak jazartzen zuenean, Derioko itxialdian nahiz Zamorako apaiz-kartzelan, ez zuen sekula tinkotasuna zerion irribarrea galdu.
"Gaur hemen gaudenok soberan ezagutzen dugu Periko Berrioategortuaren izate humanoa. Euskal herri langilearen aldeko iraultzaile eredugarria izan baitzen, eta horregatik jasan izan zituen ulertu ezinak, atxilotzeak, kartzela eta gerra zikina. Abertzalea izan zen beti, euskaltzalea, independentista, sozialista eta solidarioa".
Hitz horiek eskaini zizkion Berrioategortuari bere lagun eta borroka bidaide Juan Mari Arregik, Zornotzan irailaren 8an egin zioten agur zibilean. Ekitaldian izan ziren, senideez gain, harekin kartzelan egondako Xabier Amuriza eta Miren Amuriza Perikoren alababitxia; Juan Mari Areitio laguna eta Juan Mari Zulaika apaiz preso ohia; hala nola ezker abertzaleko eta Goldatu frankismoaren preso eta errepresaliatuen elkarteko ordezkariak. Senideetako batek Joxean Artzeren eta Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuen gitarraz, eta estreinatzeke dagoen Zamorako apaiz-kartzelari buruzko dokumentalean abade zornotzarrak izandako azken elkarrizketaren pasarteak ere irakurri zituzten.
Baserriko semea, sotana jantzi zuen unetik Eliza barrutik aldarazi eta diktaduraren kateak hautsi beharraz jabetu zen. Zornotzako abade-etxetik ekin zion zeregin horri, lehen aldiz 1960an, 339 euskal apaizek gutun ezaguna kaleratu zutenean. Lehen isuna, lehen abisua. Berrioategortuak erabaki zuen jende xeheen zoru bera zapaltzea, izan Bandetako grebalarien ondoan, izan kontsumo kooperatibak sortzen –La Zornozana Eroski-ren erroetako bat izan zen– edo morroi gisa lanean. Abadeak uko egin zion Estatuko soldatari, eta beste zenbait bezala, beharrean jarri zen, eliztarren harridurarako.
Gernikako epaitegi aurrean 1967an, Patxi Bilbao apaiza deklaratzera deitu zutenean. Erdian, aldamenera begira, Periko Berrioategortua (ar.: 'Zamorako apaiz-kartzela')
1968. urtea berezia izan zen. Tolosako Bentaundin Txabi Etxebarrietaren heriotzak halako hotzikara sortu zuen eta agerian utzi erregimenak ez zuela xalokeriaz erantzungo. ETAko militantearen aldeko hiletak debekatu zituen gobernadore zibilak eta herrietara guardia zibilak bidali. Berrioategortua ez zen kikildu eta Zornotzako elizako ateak zabalik eman zuen meza. Zamorako apaiz-kartzelan hilabete eta erdi egin zuen; bere hezurrek orduan ezagutu zuten espetxeko pareten umela zer den. Ez zen azkeneko aldia izango. Zamorako apaiz-kartzela (Txalaparta, 2011) liburuan utzi zuen lekukotasuna: udan eguzki errea eta negu luzean sekulako hotza egiten zuen patio txikiak erakutsi zien "Madril eta Vatikanoren kartzela hark barnean ezkutatzen zuen krudelkeria klimatikoa".
Espetxean zirela, indarra baino ahulezia sarriagotan sumatzen zutela zioen Periko Berrioategortuak, baina ahultasun horrek, ostera denak "elkartzea lortzen zuen". 68ko azaroan Derioko seminarioko itxialdiak ahalduntze kolektibo bat ekarri zuen euskal elizgizonen artean –tartean zen bera ere–. Mende erdia da 80 apaizek Eliza pobrea, librea, dinamikoa eta indigena aldarrikatu zutela, ekintza zuzenaren bidez. Jose María Cirardaren mehatxua ere zuzena izan zen zeharo: "Nire autoritatearen pisu osoz diotsuet oso larria litzatekeela diskordiaren bekatua ereitea", zabaldu zuen pastoral bidez gotzain frankistak Bilboko egoitza apostolikoaren administradore egin orduko. Konkordiaren aitzakia, errepresio frankistaren eta torturen aurrean ezikusiarena egiteko.
Berrioategortuak bere larrutan nozitu zuen jazarpena: motorra kendu zioten, autoa erre, sarritan atxilotu eta egurra eman. "Hidalgo kapitainak nirekin nahi zuena egin zuen, neurri batean", aitortu zion Miel A. Elustondo kazetariari hil aurretik ( Berria , 2018-09-02). Manuel Hidalgo Salas Gernikako guardia zibilen burua peskizan ibili baitzen beti: "Bizkaian ez da Berrio abadea ezagutzen ez duenik", esan zion behin atxilotuta zeukan bati.
Zamorako apaiz-kartzelari buruzko dokumentalean Berrioategortuarekin izandako elkarrizketa grabatzeko unea (arg: Juan Mari Arregi)
1975ean, salbuespen egoera betean, Noticias del País Vasco durante el estado de excepción buletin klandestinoa banatzen hasi ziren militante eta herritar konprometitu askoren laguntzari esker. Hidalgok uste zuen Durangaldean zegoela aldizkariaren argitalpen zentroa –Madrilen zegoen arren–, eta jo puntuan zeukan Zornotzako Astepe auzoko Casa Garaje etxea. Han bizi ziren ordurako Eliza utzirik zuen Periko eta Txaro Aranbarri bikotekidea –duela urtebete hila–. Astepeko etxe hura, informazio iturri ez ezik, Zamorako apaiz-kartzelan zeudenak laguntzeko gune ere izan zen, eta horretan Aranbarriren ekarpena ezinbesteko izan zen.
Franco hil ostean prentsaren munduan murgildu zen Berrioategortua, Egin egunkariaren sorreran parte hartu eta lan eginez. Bere bizitzako azken urteetan elkartasuna eta konpromisoa izan zituen ardatz, preso politikoen eskubideen defentsan, Boroako zentral termikoaren kontra eta herriko eragile askorekin elkarlanean, beti irribarrea ahoan.
"Azken astean ospitalean zela –azaldu zuen agur ekitaldian Juan Mari Arregik– telefono mugikorra erakusten nion, bere egoeraz arduratuta zegoen jendearen dei eta mezu asko jasotzen ari nintzela esateko. Eta Perikok beti maitasun eta esker oneko irribarretxoa egiten zuen". | news |
argia-15bf3c8f6c38 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/gaztetxearen-gainean.html | Gaztetxearen gainean | Enrike Diez de Ultzurrun Sagal� | 2018-09-16 00:00:00 | Gaztetxearen gainean
Aldaketaren aroa hastearekin batera berpizten hasi zen okupazioaren mugimendua Iruñean, UPNkoen azken urteetan ia hilik egon ondoren. Kontua da hiru urteotan inoiz ez bezalako bideak zabaldu eta sos ederrak gastatu dituela Iruñeko Udalak udal jabetzapeko tokiak gazteei nahiz gizarte taldeei uzteko (Mendillorrin, Txantrean). Iruñeko Alde Zaharrean bertan ere, ia hiru urteko prozesu ireki eta luzearen ondoren, Plazara ekimena gauzatu da, karrika Nagusiko Cruzat jauregi handia moldatzeko eta prozesuan aritutako taldeei uzteko. Iruñeko okupazioa egin duen jendeak, ordea, ez zuen prozesuan parte hartu nahi izan. Lehen okupazioa, dena den, aldaketarekin batera gertatu zen, ez kasualitatez Nafarroako Gobernuaren jabetzapeko eraikin batean. Egun haietan, EH Bilduk bazekien gazte talde horiek zerbait okupatu nahi zutela, eta Iruñeko alkatetzak udaltzainak igorri zituen udal jabetzapeko eraikin hutsak zaintzeko. Okupen asmoak ikusirik, Udalak berak bertze bide bat urratu zuen jende horri tokia uzteko, gazteen aisia udal eskumena baita, eta eraikin bat laga zien Alde Zaharraren ondoan. Gazte horiek, ordea, zenbait obra baimenik gabe egin, eta bide hori zapuztu zen. Bitartean, bertze gazte talde batek Sarasate pasealekuko eraikin pribatu bat okupatu zuen. Iruñeko udaltzainek okupak aterarazi zituzten, guardiako epaileak agindurik, eta istiluak eta zaurituak izan ziren, baita atxilotuak ere. Udaltzaingoa EH Bilduren eskuetan zegoen. Ondotik, Nabarreriako eraikin hutsaren okupazioa gertatu zen, UPNren agindupeko Nafarroako Gobernuak (denon diruarekin) aspaldian 1.700.000 eurotan erosia. Aipatu behar da, segurtasun arloko txosten batean oinarriturik, Iruñeko alkateak, zer gerta ere, ebazpen bat eman zuela joan den maiatzean gaztetxeko ekitaldiak debekatzeko; udaltzainei, gainera, agindua eman zien eraikin okupatu horretako ekitaldi oro eragozteko. Aginduak indarrean dirau, baina bistan denez, ez da betetzen. Nafarroako Gobernuak, ordea, Barne kontseilariak proposaturik, auzibidea aukeratu eta, azkenean, epaileak agindurik, foruzainak bidali zituen. Orain, eskuindarrak arras kontent, itxaropen oro galdua baitzuten heldu den urteko hauteskundeetarako, eta gaztetxeari sekulako etekina atera nahi diote. Beraz, aldaketaren aldeko indarrek gogotik egin beharko dute lana elkarren arteko konfiantza berreskuratzeko eta gaztetxearen aferari aterabide bat aurkitzeko. Zaila da, ordea, aldaketaren barneko indarren bat bera ere gaztetxea erabiltzen ari baita Nafarroako Gobernua higatzeko. Gauzak horrela, gaztetxe baten indarraz baliaturik, UPN itzuli, Maravillas hustu, eta okupazioaren mugimendua ia hilik geldituko da urte batzuetarako. | news |
argia-aa564e323436 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/higienea.html | Gehiegi garbitzearen paradoxa | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2018-09-16 00:00:00 | Gehiegi garbitzearen paradoxa
Gorputza garbitzea ez da beti osasun kontua, ezta osasungarria ere. Egunean behin edo sarriago egitea da gaur egun normalena. Ohitura kultural hau, baina, batzuetan kaltegarria gerta liteke azalarentzat.
Fisioterapeuta ofizioz, oro har osasunarekin lotutako gai guztiekiko agertzen du jakin-mina Oier Gorosabel Larrañagak. Higieneaz hitz egiteko bildu gara oraingoan berarekin. Garbitasunaren testuinguru kultural eta historikoa azaltzeko, atzera egin du denboran, greziar eta erromatarren garaiko bainu-etxeetatik hasi eta gaur egungo "hipergarbitasunaz" mintzatzera heltzeko: "Egungo garbitasun eredua XIX. mendetik dator, Europan osasun arloan eman zen iraultzatik, hain zuzen. Izurriteei aurre egiteko higiene publikoa bultzatu zen eta osasun maila izugarri igo zen". Iraultza horrek gaur normalak diren ur korrontea, komunak, antiseptikoak eta zabor-bilketa lortu zituen, besteak beste. Hala ere, azken urteetan gero eta gehiago garbitzen gara eta horrek osasunari kalte egin diezaioke, hainbat adituren hitzetan. Hortxe paradoxa.
Garbia eta zikina kontzeptuak erlatiboak dira, beraz: "Erromatarren garaian ez zen xaboirik erabiltzen. Azala olio eta hondarrez eginiko nahastearekin igurtzen zuten eta ondoren strigilis izeneko igitai antzeko batekin kendu. Egun, zikintzat hartuko genuke hori", dio Gorosabelek. 1850. urte inguruan, gaixotzean edo ezkondu aurretik soilik bainatzea zen ohitura. 1900 aldera urtean behin egiten zuten europarrek, "baita aberatsek ere". Eta urrutira joan gabe, 1980ko hamarkadan normalena astean behin dutxatzea zen. Gaur, ordea, egunero behin edo gehiagotan egitea da ohikoena.
Xaboia da kaltegarriena
"Xaboiak gure amonaren bizimodua irauli zuen. Euskal Herrian 1900. urte inguruan azaldu zen eta lixibaren ordezkoa izan zen. Diru pixka bat zuenak xaboia erosten zuen eta garbitoki modernoetara joaten zen arropa garbitzera". Azalpen horri tiraka, Gorosabelek esan digu xaboia ez dugula neurrian erabiltzen. Egunero dutxatzeak ez, egunero xaboia erabiltzeak ekar ditzake arazo nagusienak; azala babesik gabe utzi eta zenbait gaixotasuni ateak zabaltzea, esaterako.
Bereziki bi arazo sor ditzake horrek. Batetik, immunitateari eragin diezioke; epidermisaren kanpoko geruza eta izerdia gehiegitan kentzeak bakterien ugalketa ekarriko du, eta errazago sartuko dira gorputz barrura. Tenperatura aldaketen aurrean gorputza egokitzea zailagoa izan daiteke, gainera.
Bestetik, estetikarekin lotutakoak ditugu; azalari babesa kentzearekin batera hark ura galdu eta lehortu egingo da. Eta horrek alergiak edo narritadurak sor ditzake, uzkian adibidez, kroniko bihurtzeraino. Egunero garbitzearen inguruan mintzo, Gorosabelek esan digu azalari ez badiogu uzten "eraso" horien kalteez erabat osatzen, "zauria zauriaren gainean" egingo dugula.
Gakoa nork bere beharrak aztertu eta neurriak hartzea litzateke; maiztasuna eta erabiliko diren produktuak kontuan hartzea, alegia. Lanagatik edo dena delakoagatik egunero dutxa hartu behar duenak xaboi leunagoak balia ditzake, eta sarri dutxatzen ez den pertsonak xaboi puruak. Gorputzeko atal guztiak ez direla berdinak gogorarazi digu Gorosabelek. Besapeek, hankarteak edota oinek usain sendoagoa dute eta garbitzeko premia handiagoa da aurpegiaren edo besoen kasuan baino. Dena den, ez garela itsutu behar dio: "Gorputzaren usaina ez dago modan eta ezabatzen saiatzen gara. Inoiz garbitzen ez den pertsona bat zikina iruditu dakiguke baina ez da horregatik gaixotuko". | news |
argia-ccbf9b88bf4d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/usoei-begira.html | Usoei begira | Edu Zelaieta Anta | 2018-09-16 00:00:00 | Usoei begira
Lehen aldiz balitz bezala begiratzea omen da kontua. Hain da zaila, baina, biziaren laugarren hamarkadan sartuta! Udan oparitu dizuten John Bergerren liburuak lagundu dizu biluzte horretan. Eta, batez ere, enperadoreen jantziak ongi bereizten ez dituzten hamar urteko semearen begi zoliek. Azken asteotan egin dituen –dituzuen– behaketen artean, hiriko usoak hartu dituzue hizpide behin baino gehiagotan. Ahantzixea zenuen mundu bat berreskuratu duzu zuk (zenbat uso zauritu eraman zenituen txikitan gurasoen etxera sendatzeko asmoz?), berak mundua deskubritzen jarraitu bidenabar.
Ohi den gisan, galdera berriak ekarri dituzte behaketa horiek: zer gertatu zaio uso horri hankabakarra izateko, aita? Zergatik ezin du horrek hegan egin normal? Uso zaurituak etxera eramaten zenituenean, zer esaten zizuten aitona-amonek? Usoak ere familiaka bizi dira, gu bezala? Denetarikoak izan dira erantzunak, zalantzak, isiluneak eta interneteko bilaketa azkarrak.
Bergerri irakurri diozu animaliak behatzea ariketa atabikoa dela. Animaliei begira, edozein izanik ere, geure buruaz hitz egin dezakegulako. | news |
argia-fe8a8b6e2a64 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/ghetto-ikastetxeen-egunerokoa.html | Ghetto-ikastetxeen egunerokoa | Mikel Garcia Idiakez | 2018-09-16 00:00:00 | Ghetto-ikastetxeen egunerokoa
Maila sozioekonomiko baxuko ikasleak ikastetxe jakinetan kontzentratzeko joera gero eta handiagoa da Euskal Herrian; datuek argi diote. Alegia, pobreak –horietako ugari ijitoak eta jatorri migratzailea dutenak– aparteko eskoletan pilatzen ditugula, horrek haientzat eta gainerakoentzat dituen ondorioekin. Zein da ikastetxe horietako errealitatea, zeintzuk eguneroko behar, aldarrikapen eta pozak?
"Eskola zaila da gurea, bai, baina nik ez dut beste inongo eskolatan aritu nahi", dio Gasteizko Miguel de Cervantes ikastetxeko zuzendari Juanan Garcíak. 350 ikasle ditu Miguel de Cervantesek, %90ak beka jasotzen du eta gizarte zerbitzuek artaturiko familien kopurua handia da. Eta eskola zaila da, adibidez, ikasleen mugikortasuna handia delako: ohikoa da ikasturtea hasita ikasle berriak etortzea edo ikasleek eskola uztea –ekonomiagatik gurasoek etxez, auzoz, herriz aldatu behar izan dutelako, esaterako–, eta ikaslearen heziketan eta taldearen erritmoan eragina du horrek.
"Faktore afektiboa ere hor dago", azpimarratu du Garcíak, hainbatek hutsune emozionalak dituelako. Ikasle batzuek bizkar gainean daramaten zama ez baita makala: "Kontatzen dizkizute pasatakoak, edo gurasoek jasandakoak, eta pentsatzen duzu, gertatuak gertatu hemen daude egunero, eskolan, eta asko da hori", dio Ima Ortega irakasleak. Gasteizko Angel Ganivet ikastetxean egiten du lan eta bertako 700-800 ikasleetatik gehientsuenak baliabide ekonomiko urriko familietan bizi dira. "Ume batzuek ekainean negar egiten dute, oporretara doazelako –kontatu digu–. Haietako askoren gurasoek lanean jarraitzen dute umearen oporraldi osoan, eta umeek aukera gutxi dute aisialdirako". "Guri –gaineratu du Garcíak– ikasle batek behin esan zigun ez zuela oporrik nahi, oporretan tripako mina zuelako". Alegia, gosea pasatzen zuelako, eskola garaian doan bazkaldu baitezakete, bekei esker.
Zer da orri-markatzaile bat?
Ibilbide akademikoan ere, eragina du gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturalak. "Lehengoan, Lehenengo mailako gelan (6-7 urteko haurrak) irakurtzen hasiak direla-eta, orri-markatzaile bat egin genuen –azaldu digu Ortegak–. Bat-batean konturatu nintzen ikasgelaren erdiak ez zekiela zer zen orri-markatzailea. Zergatik? Etxean ez dutelako libururik. Gero proba diagnostiko bera egingo diegu Euskal Herriko ikasle guztiei, baina egoera ez da konparagarria".
Bestelako ikuspuntua eman digu Imanol Martinezek: "Gure esperientzia da ikaslearen egoera baldintzatzen duena ez dela hainbeste egoera sozioekonomikoa, gurasoek eskolarekiko eta ikastearekiko duten jarrera baizik. Ikasleen jarrera eta moduetan (baita emaitzetan ere) sekulako aldaketa ikusi dugu, gurasoak ikasketa prozesuan parte hartzen hasi direnean. Guretzat hori da gakoa. Zer gertatzen da? Sarri, profil sozioekonomiko baxuko ikastetxeetan irakasleek, gurasoek, ikasleek eurek… apenas dutela espektatibarik". Bilboko Elejabarri ikastetxean egiten du lan Martinezek. 80 ikasle inguru ditu Elejabarrik eta ikasle horien familien %100ak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen du.
Juanan García, irakaslea: "Ikasle batek behin esan zigun ez zuela oporrik nahi, oporretan tripako mina zuelako. Alegia, gosea pasatzen zuelako"
Ibilbide akademiko horretan, hizkuntza buruhauste da hainbatetan. Ima Ortegak azaldu digunez, gela batzuetan erdiak baino gehiagok lehen hizkuntza du ez euskara ez gaztelania, eta denbora eta ahalegin handiagoa behar da euskararen jabekuntzarako. "Gaztelaniaz bakarrik dakienarekin errazagoa da, nik ere hizkuntza hori badakidalako, eta nik ulertu egingo diot, eta horren arabera jokatuko, nahiz eta nik hari euskaraz bakarrik hitz egin. Baina ukranieraz edo arabieraz hitz egiten didan umeari ez diot ulertzen, eta kultura talkak berak (gure keinuak, gure hitz egiteko modua… ezberdina izateak) eragiten du hizkuntza barneratzeko zailtasunetan". Elejabarrin, duela hiru urte bilakatu ziren D ereduko ikastetxe. Martinezentzat, "funtsezkoena da ikasleek zein garrantzi ematen dioten euskarari, zein sentimendu sortzen dien euskarak egunerokoan, eta horretan zeresan handia du testuinguruak: ikusten badute ingurukoek erabili eta ikasten dutela, berdin jokatuko dute". Dirua duten euskaldunak, baina, beste ikastetxe batzuetara joan ohi dira.
Zenbat esperientzia partekatzeko
Aipatuak aipatu, elkarrizketatuek sutsuki defendatzen dute euren eskoletako aniztasuna, inplikazioa eta proiektua. Halako zentroen inguruan dauden aurreiritziak eta irudi txarra arbuiatzen dute. "Askok uste du gurea bezalako ikastetxeetan ikasleak gatazkatsuak direla, borrokan aritzen direla elkarren artean. Inondik inora. Giro baketsua da nagusi", adierazi du Garcíak. "Gu ghetto-eskola bat gara, eta panorama ikusita, epe laburrean behintzat gauzak ez dira aldatuko, baina ikuspegi positiboa baliatzen dugu: zenbat historia dituzten ikasle eta familia hauek, ezagutzen ez ditugunak; zenbat esperientzia partekatzeko… Gure ikastetxea aberatsa da oso! –dio Martinezek– Nire planteamendua erraza da: eskola bat nahi dut nire seme-alabak bertan matrikulatuko nituzkeena. Duela sei urte ez nituzke Elejabarrira eramango, gaur egun bai".
Imanol Martinez, irakaslea: "Gure esperientzia da ikaslearen egoera baldintzatzen duena ez dela hainbeste egoera sozioekonomikoa, gurasoek eskolarekiko duten jarrera baizik"
Duela sei urte iritsi zen Imanol Martinez Elejabarrira. Hiru arazo nagusi identifikatu zituzten: gurasoek eskolarekiko zuten konfiantza falta, auzoarekiko gertutasun falta, eta elkarbizitza gatazkatsua. Fokua hiru ardatz horietan jarri eta batetik gurasoen eta inguruko eragileen inplikazioa bilatu zuten ("parte-hartze hori ez izatea soilik bileretara etortzea, baizik eta benetan erabakietan, arazoetan, neurrietan… inplikatzea"); eta bestetik, ikasleen arteko elkarbizitzan eta egoera akademikoan indarrak jarri zituzten. "Gurasoen konfiantza lortu ahala, ikasleengandik errespetua lortzen joan ginen eta modu integralean arlo akademikoari ere hobeto heldu ahal izan genion. Talde interaktiboak eta tertulia dialogikoak erabiliz, ikasleengana beste modu batean hurbiltzen gara, euren esperientziak partekatzea eta gugana irekitzea lortu dugu". Gurasoek eurek eskatuta, gurasoentzako klaseak ematen ere hasi ziren, besteak beste seme-alabei etxean ikasketekin lagundu ahal izateko.
Dirurik gabe, aukera gutxiago?
Eskolak antolaturiko txango eta emanaldietarako irteeretan ere badu eraginik ekonomiak. Elejabarrin esaterako, astebeteko irteerarik ezin dute egin, gurasoek ez baitute dirurik halakorik ordaintzeko; irteera motzagoak egiten dituzte. Cervantesen eta Ganiveten ere, doako emanaldietara baino ez dituzte eramaten ikasleak. "Guk beti egin izan ditugu barnetegiak –dio Ortegak–, baina aurten gela erdia joan gabe geratu zaigu, 120 euro ordaindu behar direlako. Eta eztabaida piztu da ikastetxean: bidezkoa da joatea? Aldi berean, aukera hori galdu behar dute ahal dutenek? Horri buruz hausnartzen ari gara… Diruak baldintzatzen du irtenaldia, baina hori gero eta ikastetxe gehiagotan ari da gertatzen".
Ima Ortega, irakaslea: "Aurten gela erdia geratu zaigu barnetegira joan gabe, 120 euro ordaindu behar direlako. Eztabaida piztu da ikastetxean: bidezkoa da joatea? Aldi berean, aukera hori galdu behar dute ahal dutenek?"
Eskolaz kanpoko jardueretan ere, luzea da pobreziaren itzala. Duela urte batzuk, itxaron zerrenda zegoen Miguel de Cervanteseko guraso elkarteak antolatzen zituen eskolaz kanpoko ekintzetarako: "Zeramika, marrazketa, futbitoa, saskibaloia… zuten aukeran, baina orain apenas dagoen ezer, ordaindu egin behar delako. Gure ikasleek ez dituzte beste ikastetxeetan dituzten aukera berberak, eta hori bidegabekeria sozial handia da. Administrazioak monitoreak eta baliabideak jarri beharko lituzke". Halakoetan, auzoaren inplikazioa funtsezkoa izan ohi da, aisialdirako eskaintza duina bermatzeko. Elejabarriren kasuan esaterako, auzoko Gaztelekuak doako jarduerak sustatzen ditu.
Baliabide gehiago, burokrazia gutxiago, aitortza eta babesa
Ikastetxe hauentzat baliabide gehiago eskatu dituzte elkarrizketatuek, baliabide humano eta materialak. Gizarte zerbitzuetan eta afera sozialetan denbora asko inbertitzen baitute, baita burokrazian ere. "Ikasleen bekak kudeatzea bakarrik sekulako lana da, eta konplexua; horretan aritzen gara denok, 40 euro kobratzeko soberako burokrazian murgilduta". Aitortza aldarrikatu dute: "Babes handiagoa behar dugu. Eskola publikoan lan hau egiten ari garenak lehentasuna izan beharko ginateke administrazioarentzat –uste du Ima Ortegak–. Ez du balio denekin berdin jokatzeak; gehien behar dugunoi, gehiago dagokigu".
Irakasleen mugikortasuna amaitzea eta ikasturtero zerotik formatu beharreko ordezkoak jaso beharrean irakasleen egoera egonkortzea ere funtsezkoa deritzote. Hori bai, halako eskoletan aritzeak sentsibilizazioa eta inplikazioa eskatzen dituela azpimarratu digute. "Erronka ere bada irakasleontzat, jakinik oso lan baliagarria egiten ari garela ikasle hauek bizitzan aurrera atera ahal izateko. Satisfazioa handia da, nik ez dut nire ikastetxea aldatzen", dio Garcíak.
Elejabarri ikastetxea (ezkerrean) eta Angel Ganivet eskola.
Ate batetik batzuk sartu ahala, besteak atera
Baliabide gehiago eskatzetik harago, sakoneko konponbidea beste bat da: ghetto-eskolak desagertu eta eskola anitz eta orekatuak bermatzea, lehenengo eta bigarren mailako eskolak eta lehenengo eta bigarren mailako ikasleak egon ez daitezen. Gaur-gaurkoz, oso urrun ikusten dute aukera hori elkarrizketatuek. Errealitatea da inguruaren isla ez diren zentro artifizialak sortzen ari garela: "Ez gara auzoko ikastetxe bakarra, baina gure atetik migratzaileak eta pobreak sartzen hasi eta beste atetik ateratzen hasten dira gainerako familiak; fenomeno hori leku guztietan errepikatzen da".
Itunpekoetan, ordaindu behar izatea oztopo da familientzat. Edo lekuz kanpo sentitzen dira, eta ikasturte bakarra egiten dute bertan. Ghetto-eskola gehienak publikoak dira, eta publikoen barruan ere, familiek aintzat hartzen dute ikastetxeak egiten dien harrera eta nola tratatzen dituzten. "Zuzendaritza taldeek egiten duten apustuaren eta lanaren arabera, familien aurrean nola kokatzen diren, horrek eragina dauka".
Ioseba Apilanez eta Maika Diaz de Alda, gurasoak: "Beldurrak izatea normala da, baina gero ez dira beldur errealak eta gainditu egiten dira, aurreiritziak bezalatsu"
Gisa horretako ikastetxeak dira, batzuk aipatzearren, Ordiziako Urdaneta, Andoaingo Ondarreta, Txantrea auzoko (Iruñea) García Galdeano eta Tuterako Monte San Julián. Nafarroan, A edota G hizkuntza-eredua duten zentroetan pilatu ohi dira baliabide ekonomiko gutxiko familiak.
Ikastetxeen arteko oreka bilatze aldera, administrazioari eskatzen zaizkion neurri ugarien artean, proposamen nagusietakoa da matrikulazio bulego edo leihatila bakarra –sindikatu eta familien ordezkariak barne hartuko dituena–, matrikulazioa zentralizatu eta irizpide ekitatiboak ziurtatzea errazagoa izan dadin. Alderdi guztien artean eta eskola eredu guztien artean egin beharreko eztabaida politikoa dela garbi du Ortegak: "Gizartea nola antolatu nahi dugun erabaki behar da, gaiaren inguruan adostasun politikoa lortu". Martinezentzat, "gurasook ere badugu gure ardura zatia eta nahiko ikuspegi hipokrita dugu gai honetan".
Ikastetxe orekatua denentzat onuragarria dela dio Ortegak, ikasleen arteko elkar eragina izugarri lagungarria delako, ikasle berriak integratuago eta gogotsuago sentitzen direlako, euskaraz ez dakitenek aiseago ikasiko dutelako hizkuntza alboan euskaldunak baldin badituzte, irakasleak errazago kudeatuko duelako ikasgela…
"Hezkuntzak ez badu gizarte kohesioa bere egiten, jai dugu"
Klase ertaineko euskaldunek ez dituzte beti mota honetako eskolak saihesten. "Beldurrak izatea normala da, baina gero ez dira beldur errealak eta gainditu egiten dira, aurreiritziak bezalatsu. Guk geuk geneuzkan mugak gainetik kendu eta asko ikasi dugu. Hautu indibidualetik harago, babesa lortzea ere inportantea da, guraso batzuen konpromisoa eta lan egiteko gogoa erdiestea, orduak sartu behar direlako. Bitartean, jakina, sinetsi behar duzu zure seme-alaba lekurik onenean ari dela ikasten". Hala azaldu digute Ioseba Apilanez eta Maika Diaz de Aldak. Duela hamabost urte, Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Ramon Bajo ikastetxe publikoa ghetto-eskola zenean, bertan matrikulatu zuten semea. A ereduko ikastetxea zena D ereduko bilakatzea ere lortu zuten, gurasoek eskatuta.
Apilanez eta Diaz de Alda gurasoen arabera, Ramon Bajo ikastetxean euskara izan da kohesiorako ardatz.
Une zailagoak eta hobeak dituzte gogoan, baina bi semeek ikasi dute eskola horretan, eta ibilbide oparoa egin dute biek ere, bai harremanetan, bai hainbat gurasorentzat traba nagusi diren arloetan: arlo akademikoa eta hizkuntza. "Areago, euskara izan dute kohesiorako ardatz, ikasle batzuek gainera ez zutelako oraindik gaztelania lehenengo edo bigarren hizkuntza gisa finkatuta, eta euskarak batu ditu". Baliabide eskasak zituen ikastetxeak, egia da, eta auzoa ezinbestekoa izan da zeregin horretan: jende inplikatua eta kontzientziatua aurkitu dute Alde Zaharrean, eta eskolaren luzapena izan da kalea; auzora zabaldu zen eskola eta honek zituen beharrak eta hutsuneak betetzen lagundu zuen horrek. Eskolaz kanpoko jardueretan adibidez, aukera urria zuen Ramon Bajok, eta Goian elkartea sortu zuten, aisialdi eskaintza zabaltzeko.
Argi dute Apilanez eta Diaz de Aldak: "Hezkuntzak ez badu gizarte kohesioa bere egiten, jai dugu. Arriskutsua da norbere burbuilan bizitzea eta aniztasuna oso ona da, denontzat. Guraso batzuek diote ez dutela haien seme-alaba nahi kanpotarrez edota txiroez betetako ikasgelan, beldur dira, baina gizarte hobea nahi badugu borroka egin behar dugu, ezin dugu beste alde batera begiratu". | news |
argia-ad59abefbdd5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/itaka.html | Itaka | Aiala Elorrieta Agirre | 2018-09-16 00:00:00 | Itaka
Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.
Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera, mila kilometro baino gehiagora, Kastellorizo irla kokatzen da Anatolia penintsularen azpian. Txipre eta Turkiatik hurbilago egon arren, Greziako Estatuari dagokio. Kastellorizon, 2010eko apirilean, orduan lehen ministro zen Yorgos Papandreu sozialistak, Nazioarteko Moneta Funtsari laguntza finantzarioa eskatu zion, lehen erreskateari besoak irekiaz. Zortzi urteko periploaren ostean, hortxe dugu herria erreferendumera eraman zuen gobernuburua: bere aurreko gobernuek abiatutako erreskateen bideari zintzo jarraitu dio, Troika eta kapitalaren aginduei men eginez. Odisearen bukaera Mediterraneoaren beste muturrean kokatu du eta eszenatoki gisa Homeroren Itaka hautatu izanak, maila sinbolikoan ere arauaren barruan dagoela erakutsi digu.
Azken hamarkadan greziar ekonomiak astindu bortitza jaso du: 200.000 milioi eurotik gora, neoliberalismo basatienaren neurriak aplikatzeko konpromisoaren truke. Inpaktu soziala latza izan da: langabezia tasa %16 igo da azken hamarkadan; herritarren erosteko ahalmenak hondoa jo du: Europar Batasuneko batez bestekoaren %93tik %68ra murriztu da; soldatak %30 erori dira, pobrezia egoeran bizi diren greziarren portzentajea bikoiztu egin da. Austeritate neurriek gupidarik gabe kolpatu dituzte adin tarte guztiak: 2012. urtetik hona milioi erdi gaztek herrialdetik alde egin duten bitartean, pentsioak hamabi aldiz murriztu dira.
Azken hamarkadan greziar ekonomiak astindu bortitza jaso du: 200.000 milioi eurotik gora, neoliberalismo basatienaren neurriak aplikatzeko konpromisoaren truke. Inpaktu soziala latza izan da: langabezi tasa %16 igo da azken hamarkadan; herritarren erosteko ahalmenak hondoa jo du. Europar Batasuneko batez bestekoaren %93tik %68ra murriztu da; soldatak %30 erori dira
Kostalderik luzeena duen 13. herrialdea da Grezia, 1.400 irla ditu eta Mediterraneo itsasoan kokagune estrategikoa du. Ez da kasualitatea, hirugarren erreskateak abian jarri duen pribatizazio prozesu erraldoiaren barruan herrialdeko dozena bat porturen salmenta aurreikusi izana. Honezkero esku pribatuetara pasatu dira portu nagusietako bi: Atenaseko Pireo eta Salonikako portua. Lehena, Txinako enpresa publiko baten esku geratu da (COSCO) eta bigarrena SEGT enpresa-taldearen esku –bertan nagusi dira diru-funts alemanak–. Datorren udazkenean itxiko dute Alexandroupoliseko portuaren salmenta: Turkiarekin duen lur mugatik oso gertu, gas naturalaren banaketaren mapan kokapen tentagarria du honek ere.
Pireoko portua Greziako garrantzitsuena izatearekin batera Mediterraneoko handienetakoa ere bada. Bertan 1.500 pertsona baino gehiagok egiten dute lan. Krisia dela eta haien soldatak 1.500 eurotik 600 eurora jaitsi zirenez geroztik, ez dute igoerarik ikusi. Portua COSCO enpresaren esku dagoenetik gainera, lan eta osasun baldintzak geroz eta okerragoak dira. Azpikontratazio sistema konplexua inposatzen ari da: geroz eta langile gutxiago kontratatzen dute jardunaldi osoan, eta geroz gehiago azpikontratatzen dituzte lana aurrera ateratzeko. Trebatu gabeko langileak azpikontratatzen dira baina enpresa ez da segurtasun arriskuen erantzule egiten. Bertako langileek ondotxo dakite Pireon gertatzen dena ez dela hutsala: "Pireon gertatzen dena, Europa osoan hedatuko den erregimen prekarioaren hastapena baino ez da".
Itakako ikuskizunean Greziak bere patua bereganatu duela esan zuen Tsiprasek. Urteetako odolustearen ostean, zein patu geratzen zaio herriari? Europako teknokratek txalo eta laudorio artean hartu dute, baina agerraldi honek erakusten du erabat salduta dagoela Tsipras.
Zer xuxurlatu ote diote sirenen kantuek? | news |
argia-a896689da695 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/allande-etxart.html | "Abertzaleek ere historia ofiziala, erreala balitz bezala hartzen dute sarritan" | Mikel Asurmendi | 2018-09-16 00:00:00 | "Abertzaleek ere historia ofiziala, erreala balitz bezala hartzen dute sarritan"
Altzai, 1950. Bildozen bizi da egun, erretretan. Elektronikaren ofizioa ikasi zuen gaztetan. Xiberoko Botzako sortzailea, irratiaren teknikari lanetan aritu izan zen hogei urtez. Sohütako Epherra Ikastola sortu eta hamar urtez idazkari izan zen bertan. Areago, Euskadi Information agerkariaren kudeatzailea izan zen hamaika urtez. Askotariko pertsona. Historiaz arduratua bizi da egun. Matalaz ez balitz zaldiz agertü (Herexak argitaletxea) eleberri historikoa hizpide solastatu gara. Zuberoako herri xehea XVII. mendean nobleen aurka erreboltatu zela ezagun zaigu. Zerendako altxatu zen, baina?
Zuberoako historia ikertu duzu, baina ez zara historialaria. Alta, buru-belarri ari zara artxiboetan.
Ez naiz historialaria, ez ikasketaz ez bestenaz ere. 64 urteetan –erretretan sartzean– ez nintzen hasiko historia ikertzen ere. Horregatik egin dut eleberri historiko hau, nolabait. Zuberoako historiaz anitz irakurri dut, eta bertsio diferenteak direla ohartu naiz. Gehienetan, historialariek errepikatzen dute beste batzuek aurretik idatzi dutena, ez denek, bistan da. Manex Gohienetxe edota Jean-Louis Davant salbuespen dira, besteak beste. Matalaz -en historian (Bernard Gohienetxe, Matalaz . Mitikile ?-Maule-Lextarre, 1661) kontraesan franko zegoela ohartu nintzen. Zuberotarrak altxatu zirela badakigu, baina arrazoiak ez dira argi ageri. Zerendako altxatu ziren? Horren xerka arakatu ditut Paue, Bordele eta Tarbeko artxiboak; Gers departamenduko Auchen ere ibili naiz, baita komentuetako liburutegietan ere.
Matalaz ez balitz zaldiz agertü izenburuak badu azpiko izen esanguratsua: Handien zorra eta ttipien Herria artxibetan. Zein izan zen zuberotarren altxamenduaren arrazoia?
"Matalazek herriaren kontzientzia ba ote zuen? Bai, hala uste dut. Mitikileko herritarrak bahituak, atxilotuak eta preso hartuak izan ziren bere herrian"
Konplikatua da historia azaltzea... Nik Zuberoako laborariak ontsa bizi zirela ikusi dut, edo hala uste dut. Goserik ez zen. Baziren pobreak parrokietan, bistan da, baina oro har, laborarien testamenduetan ageri denez, ongi bizi ziren. Parlamentuan bazen dirua eta herritarren ezteiak aski oparoak ziren. Auzia hau da: Oloroeko apezpiku Maytieko Arnaud III.-ak 40.000 mila libera gastatu zuen, alta, 80.000 liberako jesaitea [mailegua] hartu zuen. Hori da handien zorra. Maytieko familia Gramonteko jauntxo eta kondeen segidakoa zen, handiak ziren. Afera hartan, Jean-Armand Peyrer nahasita dago, Treville ezaguna. Nobleen arteko afera bat dago, Detxema deitua (zerga gisakoa) ez zuten behar bezala kudeatu. Iruzur egin zuten, naski. XVII. mendean, Frantziako apezpikuek Erregeari detxema ematen zioten. Konparazionerako, 1649an, nobleek herri xehearen –laborariak gehienak– detxema hartu zuten, 140.000 libera, baina 80.000 liberaren erabilera ez da liburuetan argiki agertzen. 1659an Bordeleko Parlamentuan aztertu zen afera. 1660an, Zuberoan errebolta izan zen haatik.
Beñat Gohienetxe Matalaz horien artean zegoen. Nor zen Matalaz ?
1600 urte aldean sortu zen, ez da urte zehatzik ezagutzen. Bordelen egon zen, teologia egin zuen unibertsitatean, eta zuzenbidea ere ikasi zuen, itxura batez. Altxamendu delakoaren inguruan badaude paperak artxiboetan, baina bada ere kontraesan franko. Hainbat kontu argi dira, baina ez denak.
Matalaz ek zuberotar kontzientzia bazukeen…
Herriaren kontzientzia ba ote zuen? Bai, hala uste dut. Mitikileko herritarrak bahituak, atxilotuak eta preso hartuak izan ziren bere herrian.
Haien defentsan aritu zen Matalaz .
Ez da aise horiek guztiak zehaztea. Lur komunen gestioa biziki inportantea zela ageri da: mendietako zergak, oihanen, bideen eta lurren kudeaketa...
Allande Oihenarten atsotitz batek ederki islatzen du garai hura: "Ez horak zahia jan, ez oiloer ützi" / "Le chien ne mange pas le son mais il ne laisse pas les poules en profiter" .
Nobleen jarrera duzu, berentzat nahi dute oiloen lekua, herritarrentzat gero eta gutxiago utziz. Alta, horretaz ere interpretazio ugari egin daiteke, irakurketa ezberdinak.
Konparazionerako, horra hor Matalaz en azken hitzak: "Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko xibetorarrak, egiazko eüskaldünak, frantses zorrikeria horren ohiltzeko". Benito Lertxundik "tiranoen ohiltzea…" erranez abestu du eta herriak "tiranoen hiltzea..." bihurtu.
Hori bera. Hori argitzea ere interesgarria da, Jean Louis Davantek idatzi du horretaz. Esaldi bat nola ulertzen den eta zer bilakatu daitekeen, baita azken 50 urteetan beste zentzu batean nola erabili den...
Herria altxatu zen, edozein gisaz.
"Iban da nik biziarazi dudan pertsonaia, artxiboetan ari dena, kuriositatez, ziriaz ari dena, pertsonaia nagusia"
Niretzat inportanteena hori da, herria altxatua zela, artxiboetan aurkitu dudana. Herria Ünduriango zubian zegoen, erregearen ehunkako zaldun heldu dira, pitinka-pitinka, eta biharamunean herritar saldo bat hilik izan zen Sohütan. Familiek ez zituzten haien gorpuak errekuperatu, ez zuten elizetan ehorzketak egiteko baimena ukan ere. Gorpu gabeko meza emateko aukera izan zutela diote paperek. Erran nahi baita, Sohütan 400 gorpu bota zutela zulo batean, eta beste 150 herritar gatibu hartu. Hori izugarria izateaz gain, gorpuak han nonbait daudela aditzera ematea da ene nahia.
Nobela historikoa da. Iban da liburuaren hariaren eramailea, gaur egungo pertsonaia. Gibelera egiten du historia ikertu ahala. 2015eko urtarriletik 1300 urtera arte doa. Nor da Iban?
Iban da nik biziarazi dudan pertsonaia, pertsonaia nagusia. Artxiboetan ari da, kuriositatez, eta ziriaz ere aritzen dena. Ni ez naiz kapablea nire buruaz idazteko eta pertsonaia hori eraiki dut ene gogoetak azaltzeko. Ibani nortasun ageriko bat eman diot.
Sohütako ikastola sortu zeneko garaia aipatzen duzu. Matalaz en garaiko eta egungo erresistenteak lotu dituzu. Alta, kritikoa zara.
Historia ofiziala eta herritarren memoria kontrastatu nahi izan ditut hainbat pasartetan. Adibidez, gutun batek agertzen du Matalaz ek protestanteen aurka egin zuela, baina dokumentuetan ez da deus agertzen. Orduko erregearen Gutun gezurtia bezala ekarria da, historia ofiziala da. Maleruski, ez soilik frantximantak, hemengo abertzaleek ere "historia ofiziala" egiazkoa balitz bezala hartzen dute sarritan, ofiziala erreala balitz bezala. Nik hori ez dut ongi atzematen. Antzinako nobleek bazuten boterea, kudeatzen zuten kontaketa, gutun hori idatzi zuten, beraien ikusmoldea zen, baina gutuna herriaren kontra idatzia izan zen. Beraz, oraingo abertzale batek gutun hori ontzat eta fidagarritzat hartzea ez da ona. Ez da zientifikoa. Baina, maleruski, historia ofiziala horrela idazten da usu.
Abertzaleek ere kasu eman behar dute historia kontatzean...
Ez dute nahitara egiten, baina ezaxolaz, erraztasunez edo ikertzeko alferkeriaz…
Joseba Sarrionandia aipatzen duzu liburuan. Ibanek ezagutu zuen, antza.
Ibanek naski, nik ez. Joseba Sarrionandia hemen ibili zen garai batean, Zuberoa ikertzen edota ezagutu zuen. Nik pasarte hori asmatu dut, hau errateko: Zuberoa herri okupatua izan da, zuberotar anitz fantses hizkuntzaz menperatua eta asimilatuta izan da, sumisio handia pairatu dugu hemen. Frantziaren aldeko gerletan parte hartu, haren alde egin eta hura onartu dute anitzek, ez denek hala ere.
Espiritu berria ernatzen ari da, naski.
Bai, adibidez, iaz Dantz'Haka ikusgarria eman zuten Barkoxeko Etxahun elkartearen eskutik. Agertu zuten halako erresistentzia molde bat. Orreagako batailatik abiatu eta berriki "Ahateen afera" batean CRSen aurka oldartu ziren laborariak obra horretan agertu ziren. Matalaz- en espiritua azaldu zuten gisa batez.
Zuberotarrendako gaineratiko euskaldunak manexak gara. Manexok konprenitzen al dugu Zuberoa?
"Sohütan 400 gorpu bota zuten zulo batean, eta beste 150 herritar gatibu hartu"
Nik galdea beste aldean emanen dizut: zuberotarrek konprenitzen al dituzte manexak? Enetako manexa hitza edo deitura berria da, 1950. urtera arte ez zen entzuna. Garai hartan, euskararen eta euskaldun izatearen apaltze bat eman zen. Zuberotar eta euskaldun izatearen sentimenduaren beheraldia, eta horrekin lotu zen fantasia gisako bat: gu, zuberotarrak, besteak baino hobeak gara, hobeki kantatzen eta dantzatzen dugu… Hartaz, beste euskaldunak manexak dira, eta ez bakarrik Bidasoaz haranzkoak, denak, Pagolatik haragokoak ere bai. Orduan, baduzu urguilu faltsu bat anitzengan, ez denengan. Alta, manex hitz hori erabiltzen dutenen artean ez dago gehiago euskaldunik, gero eta gutxiagorik. Erabiltzen duenari galdetzen diozu "nola izkiriatzen duzu manex elea?". Ez daki idazten. Entzun du, eta halako superioritate gisako bat agertzen du. Nik ez ditut maite, prefosta.
Pastoralaz mintzatzean, ezinbertzekoa da Etxahun-Iruri [Pierre Bordazarre] aipatzea.
Oso inportantea izan da Etxahun-Iruri. 1944ko gerra ondoko garaian [II. Mundu Gerlaren ondorenean] frantsestasunaren eragina azkartu zen hemen. Eta Aljeriako Gerlak areago azkartu ere, 1958 urtearen ondoren. Euskal sentimenduak behera egin zuen. Etxahun-Irurik beste ildo bat landu zuen. Bertzeak bertze, Agur Xiberua kantaren eraginez aldaketa izan zen zuberotarren artean.
Pastoralean, Euskal Herriko pertsona bati pertsonaia nagusiaren rola eman zion Etxahun-Irurik.2016an Jean Pitrau pastolara jokatu zen, Pier Paul Berzaitzek idatzia.
Oso garrantzitsua izan zen hori ere. Pastorala ez da, naski, hoberenetarik izan, baina inportantea izan da laborari bati buruzko izatea, oroitaraztea Pitrauren garaia eta haren testuingurua, bere herrian jokatua izatea. Pitrau hil zenean nik 24 urte nituen, ez dut laborari gisa ezagutu. Ezkerreko laboraria zen, hori izan zen bere berezitasuna.
Pastoral horretaz zure iritzia nahi nuke.
[Uzkur ageri da...] Pastoralean Parisko ministroa eta Paueko Laborantza Ganbara oposizioan ageri dira, ados. Baina Pitrauk tokiko laborarien edota militanteen kontrako oposizioa ere egin zuen, eta haiek ere haren kontra egin zuten. Bazen hori ere, eta pastoralean ez da ageri. Badakizu, ez da aise... Pastorala Monsanto Company-ari aipua eginez finitzen da, Charlot -en jokoa pixka bat eginez, beraz, komedia maneran, ez trajerian. 46 urteetan hiltzen den militantea, horrela bukatu behar zen? Amaiera La Petite Maison dans la prairie iruditu zait, amiñi bat horia edo arrosa...
Pastorala indartsu dago gaur egun.
Etxahun-Iruriz geroztik bereziki, Pastorala herrikoia bihurtu da, lirikoki kontatua. Kantak eta dantzak landu dira biziki, jokolariak eta antolatzaile berriak aldikal ari dira. Hots, herriek hamabost urteetan behin egin ohi dute pastorala, eta bertze belaunaldi batek hartzen du segida, beraz aldatzen doa.
Alta, egun edonor izan daiteke jokalaria pastoralean. Ona al da? Txarra ote?
Edonor sartu ahal dela? Baiki. Enetako damurik bada hor, euskara ez dakienak ere parte hartzen baitu. Damugarria da euskaraz ez dakiena kantuz aritzea. Horregatik, euskara ikastea biziki inportantea dela erraten dugu, euskaraz jakin gabe pastoralean aritzea kontraesanada, gure kontraesana da. Baina jinen da aldaketa hor ere, edo hala nahi nuke. Izan ere, aldi berean, jende anitz engaiatzen da, herriaren mugimendua handia da, 200-300 jende aritzen dira, 100 jende taula gainean, bertze 100 inguruan, antolaketa izugarria da.
Azkenik, zure liburua bikoitza da, frantsesez ere izkiriatua. Si Matalas ne s'était pas montré à cheval izenburukoa. Zergatik?
Hemen badaude Zuberoako historiaz idazten dutenak, frantsesez baino egiten ez dutenak, haiendako egin dut itzulpena frantsesera, irakurlearentzat ere bai, euskaraz ez dakitenendako. Liburuan badira zuberotar anitz aipatuak, euskaraz egiten ez dutenak; horiek zenbaitetan soberazko pitokeriak errepikatzen dituzte, beraz, nahi nuen haiek ere konprenitzea. Egia erran, itzulpen kaxkarra egin dut, pasarte batzuk pisuak dira, beraz, lehena eta azkena.
Liburuak ukan al du oihartzunik?
Bai. Zuberotarrek, baita hemendik kanpo bizi diren euskaldun zenbaitek idatzi didate, edo telefonoz deitu. Gustatu zaiela erran didate. Kontent naiz. | news |
argia-7e6b5f8427a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/raul-de-la-fuente-infernuetarako-bidaiaria.html | "Afrikan oso zuria sentitzen zara, nahi eta nahi ez pribilegiatu" | Reyes Ilintxeta | 2018-09-16 00:00:00 | "Afrikan oso zuria sentitzen zara, nahi eta nahi ez pribilegiatu"
Hogei film dokumentaletan munduan dauden infernu lazgarrienak erakutsi dizkigu. Orain, bera bezala Afrikako sufrimenduaren lekuko izan zen Ryszard Kapuściński idazle poloniarrari buruzko film berezia emango du Donostiako Zinemaldian eta ikusleek ematen duten Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatuko da.
Zer egiten du kazetariak kameraren atzean?
Txikitan argazki makina oparitu zidaten eta gustua hartu nion. Komunikazio Fakultatean sartu nintzenean ez neukan oso garbi zer egin nahi nuen, baina praktikak hasi eta berehala konturatu nintzen kameraren atzean aritu nahi nuela. Besteek bilatzen zuten kameraren aurrean egotea, kazetari onek bezala, baina nik atzean nahiago. Agian zinemagintza ikasi behar nuen, baina tira. Formakuntza humanistikoagoa jaso nuen teknikoa baino, eta ez naiz damutzen.
Ryszard Kapuściński, beste kazetari baten inguruko lana aurkeztuko duzu Donostiako Zinemaldian. Nolako filma da?
Dokumentalaren mugak gainditzen ditu. Animazio filma da, irudi dokumentala, baina irudi errealak tartekatzen ditu. Lengoaia berri bat sortu nahi genuen. Film bakarra egin nahi nuen bi genero narratiboekin. Ez genuen Kapuścińskiri buruzko dokumental hutsa egin nahi, baizik eta ikuslea haren kopilotu bihurtu bere jeepean Angolako gerran.
Zergatik Kapuściński?
Betidanik markatu nau. Bere liburu guztiak irakurri ditut eta berak animatu ninduen Afrikara bidaiatzera. Beti izan da lotura moduko bat gure artean. Txundituta utzi nau beti. Idazlea da, ez gerra kazetaria, eta askok diote XX. mendeko kronikari onena izan dela. Oso poetikoa eta sentiberatasun handikoa zen, Afrika ederki ongi ezagutzen zuen. Izugarria da nola kontatu zuen Angolaren desegituratzea, 1975ean Portugaldik banatzea lortu zuenean. Deskribatzen du nola Luanda hiria [Angolako hiriburua] eskeleto huts gelditzen den kolonoak Portugalera itzultzen direnean, nola eramaten zituzten bere gauza guztiak kaira, egurrezko kutxetan, itsasontzietan sartzeko… Beti imajinatu dut hori eleberri grafiko animatu baten gisa.
Nomadak Tx filma bukatutakoan, Pablo Iraburu, Harkaitz Martinez de San Vicente, Igor Otxoa zuzendarikideak eta ni mundu osoan zehar ibili ginen jaialdiz jaialdi. Hura eta gero irrikan nengoen beste film luze bat egiteko. Hamar urte luze aritu g ara, baina hemen dago azkenean.
Boliviako Uyuni gatz-lautadan.
Cannesko Jaialdian estreinatu zenuten Un día más con vida filma. Zer moduz?
Hamar urte luzatu den lan honentzat estreinatzeko izan zitekeen tokirik onena izan da. Atal ofizialean lehiatu ginen eta historikoa izan da. Ikusleen eta kritikarien harrera ezin hobea izan da. Thierry Fremaux jaialdiko zuzendariak asko gustatu zitzaigun zerbait esan zuen: "Ez zara pertsona bera izango film hau ikusi ondoren". Izugarria izan zen hara joatea. Zinemaldiko Perlak atal berezian egotea ere izugarria izango da, beste jaialdietan lehiatu diren filmik onenak biltzen direlako.
Urriaren 26an estatu osoko zinema aretoetan estreinatuko dugu eta mundu zabaleko toki askotan ikusiko da zineman eta telebistan: Portugalen, Erresuma Batuan, Eskandinavian, Polonian, Belgikan, Alemanian, Txinan eta hamaika toki gehiagotan.
Bien bitartean dokumentalekin jarraitu duzu, ezta?
Bai, noski. Apirilean estreinatu zen Love, Sierra Leonan prostituzioan aritzera behartutako neskatilei buruzko dokumentala eta orain [abuztuaren bukaeran] Ugandara noa Sudanetik datozen errefuxiatuen inguruko lan bat egitera. Baditugu beste gauza batzuk Mozambiken, Sierra Leonan...
Maite dut dokumentalak egitea, baina beste formatu batzuekin bazterrak nahasten ibiltzea ere gustatzen zait. Ni neu fusio moduko bat naiz, agian horregatik izango da. Beti interesatu zait Latinoamerika, Afrika… eta generoak nahastea, hala nola fikzioa eta dokumentala, edo animazioa eta dokumentala, kasu honetan bezala.
Zer izan da Nomadak Tx zure ibilbidean?
Hasiera zoragarria. Egin nuen lehen lana izan zen, eta gainera film luzea. Ideia Oreka TX-ko Harkaitz eta Igorrena eta Pablo Iraburu ekoizlearena izan zen. Haiek argi zuten zer egin nahi zuten eta ni gonbidatu ninduten parte hartzera. Txalaparta haien bizitza da eta haiengandik sortzen den energia bildu eta neureganatu ahal izan nuen. Sinestezina izan zen: adiskide onekin joateko aukera, bidaiatzeko modua, txalaparta eta kamera baino ez, askatasun handia, denbora asko eta diru gutxirekin, ideia gutxi baina oso argiekin… Bidaia magikoak izan ziren. Pelikularen muntaketa ere zaila bezain aberasgarria izan zen. Prozesu oso organikoa, oso bizia izan zuen eta oso emaitza ona. Hogei sari inguru irabazi ditu filmak jaialdi handienetan. Horrek marka uzten dizu. Hor konturatzen zara mota horretako lanak egin nahi dituzula.
"Minerita" filman protagonista diren meatzari boliviarrekin.
Nondik nora ibili zineten eta nolako erantzuna jaso zenuten?
Indian, Marokon, Laponian, Mongolian… ibili ginen grabatzen. Hangoek pentsatuko zuten erotuta geundela. Txalaparta arreta deitzen duen tresna da, ezezaguna, eta gainera soinu ozen eta indartsua ateratzen du. Harkaitzek eta Igorrek gorputz osoarekin jotzen dute eta hori ere oso deigarria da. Txalapartak ate piloa irekitzen du. Indian bereziki haurrak gelditzen ziren txundituta guri begira, baina izan zen bestelakorik ere: samien herrian mezatik ateratzen ari zirela jotzen hasi eta inork ez zuen batere interesik erakutsi. Egia esan, 30 gradu zero azpitik egiten zuen eta agian horregatik ere izango zen.
Minerita dokumentala egiteko ideia nola sortu zitzaizun?
Ander Izagirreren testua eta Dani Burguiren argazkiak biltzen dituen erreportajea irakurri nuenean, hara joateko eta Abigail neska meatzaria ezagutzeko beharra sentitu nuen. Boliviako Potosiko Cerro Rico izan da inoiz ikusi dudan bizileku latz eta gogorrena, emakumeentzat bereziki. Muturreko bortizkeria etengabean bizi dira, bizimoduagatik eta gizonezko meatzariek haiek bortxatzeko eta jotzeko eskubidea dutela uste dutelako. Gordintasun eta sufrimendu horren lekuko izan nintzen. Txarrena da errealitate horiek ez direla erraz aldatzen. Irtenbide bakarra da handik ateratzea, baina ia ezinezkoa da haientzat. Frustrazio erabatekoa. Zentzu guztietan oso filmatze gogorra izan zen eta gainera lankide batek istripua izan eta hilzorian egon zen. Oso hunkituta itzuli nintzen.
Harremana mantendu duzue Abigail, Ivonne eta Lucía meatzariekin?
Bai. Abigail La Paz hiriburura joan zen formatzera polizia izateko asmoz, baina amarengana itzuli da muinora. Ez zuen bakarrik utzi nahi, nonbait. Ivonne ere han dago. Gainera, anaia batek istripua izan eta besoa eta hanka galdu zituen. Azken urteotan egoerak okerrera egin du.
Haien sufrimenduak nola eragiten dizu zuri?
Tarteka gaizki pasatzen dut, baina oro har nahiko ongi daramadala uste dut. Sierra Leonan haurrak kartzela barruan eta neskatoak kalean prostituzioan ikustea arras mingarria izan da. Ideia horiek buru barrenean kolpeka izan ditut gauetan. Ezin duzu saihestu pertsona horiengan pentsatzea, jakinda gainera ezin duzula ia ezer egin.
Sierra Leonako Freetown hiriburuan lanean.
Besteak beste salestarrentzat eta Medicus Mundirentzat egiten duzu lan.
Salestarrekin badut oso harreman polita duela hamar urtez geroztik eta egin ditugu jada beste horrenbeste dokumental haientzat. Konfiantza handia dugu eta haien bidez ikaragarrizko egoerak ezagutu ahal izan ditut: Kolonbiako haur soldaduak, Sierra Leonan prostituzioan aritzen diren neskatilak, Togon sorginkeriaz akusatutako neskatoak, Angolako eta Haitiko kaleko haurrak, eta Boli Kostan diren gerra errefuxiatuak, besteak beste. Medicus Mundirekin bi dokumental egin ditugu Mozambiken, La fiebre del oro eta A luta continua .
Infernu horien inguruko informazioa zabaltzeak balio du gauzak aldatzeko?
Bai. Zerbait aldatzeko lehenbizi ezagutu egin behar da. Niretzat pribilegio bat izan da pertsona horiei ahotsa eman ahal izatea. Haien bozgorailua naiz. Bizirik irauteko jendearen borroka-kontakizunak interesatzen zaizkit. Oso pozgarria da ikustea zure lanek egoera batzuk aldatzeko balio dutela. Live dokumentala egin ondoren, adibidez, Sierra Leonako Gobernuak salestarren lanaren berri izan zuen, txalotu zuen, eta orain lanean hasi da haurren prostituzio egoera lazgarria amai dadin. Gauzak aldatzeko ahalmena duten eragileengana iristea eta mugiaraztea lortu da. Hor dago koska.
Nola lantzen dituzu dokumentalak?
Dokumentazioa da aurrenekoa. Zenbat eta gehiago prestatu, hainbat hobe. Elkarrizketa asko egiten dugu Skype bidez joan aurretik, esate baterako. Ideia gutxi baina argiak eraman ohi ditut. Pertsona irekia naiz eta jendea ezagutzea gustatzen zait. Jende xumearekin elkartu eta haien istorioak entzun. Miresten ditut pertsona horiek. Nola bizi diren, munduko hainbat tokitan nola borrokatzen duten ikustean ez dut pena sentitzen, miresmena baizik. Haiek dira protagonistak, heroiak dokumental hauetan, eta ni horrela ongi sentitzen naiz.
Angolan, 2011ko grabaketa lanetan.
Erraza da kamera batekin toki horietan ibiltzea?
Afrikan oso zuria sentitzen zara eta nahi eta nahi ez pribilegio egoeran sentitzen zara lehen munduan jaiotakoa izateagatik. Pribilegio horrek behartzen du harreman guztiak desorekatuak izatera beti. Egiten duzuna egiten duzula, zuk beti aukera duzu hara joateko, han egunero jateko eta zure etxera itzultzeko. Imajinatzen dut batzuetan inbidiaz begiratuko gaituztela, batez ere nahi dugun tokira joan gaitezkeelako. Gorrotoa ere sentitzen dute batzuetan.
Haitira lurrikararen ondoren joan ginen dokumental batzuk egitera, Nazio Batuen Erakundean lan egiten duen Alejandro Pacheco donostiarraren ekimenez. Oso pertsona azkarra eta ona da, eta dokumentalak ikuspuntu positibotik egiteko gogoa zuen, hango bizi istorioak erakusteko. Nomadak Tx ikusi zuen eta asko gustatu zitzaion. Bi hilabetean hiru film eder egin genituen, baina presioak eta irainak jasan behar izan genituen. Hainbeste jende joan da irudi lazgarrien bila, orain nolabaiteko gorrotoa diote kameradun zuriari.
Errefuxiatu eta migratzaileen gaia pil-pilean dago.
Ikaratu egiten nau errealitateak. Egunkaria ikusteak tu egiteko gogoa ematen du. Haurrak kartzela barruan ikusten ari gara AEBetako mugan, haien gurasoengandik bereizita; ehunka pertsona itotzen uzten ditugu itsasoan; adierazpen xenofoboak nonahi…
Nardagarria, ulertezina, geurekoia eta doilorra da. Nola zapaldu daiteke horrela infernutik ihesean datorren pertsona baten bizitza? Eta ez da politikari batzuen kontua soilik, jendartean ere oso zabaldua dagoen ideia da. Harro sentitzen naiz euskal herritarra izateagatik hemen sentiberatasuna, hurbiltasuna eta eskuzabaltasuna handiak baitira, beste toki askotan baino askoz handiagoa. Hala ere, ikaragarria da gertatzen ari dena. Gizarte bezala lotsagarria da egiten ari garena.
Zein da zuen hurrengo lana?
Ugandako dokumentalaz gain esku artean dugu fikziozko film luze baterako proiektua. Freetown, Sierra Leonako hiriburuko Pademba izeneko kartzelaren egoeran oinarritutako istorioa da. 300 presorentzako tokia duen presondegian gaur egun 1.900 pertsona pilatzen dira, haien artean adingabe asko. "Lurreko infernua" deitzen diote toki horri eta benetan gogorra da han ikusten dena. Hiru aldiz egon naiz eta oihuka deitzen nau. Hori da gehien hunkitu nauen tokia, Cerro Ricorekin batera.
Argazkia: Dani Blanco. | news |
argia-f599e898300d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/analisia.html | Hainbat galdera sartzean | Mikel Asurmendi | 2018-09-16 00:00:00 | Hainbat galdera sartzean
La rentrée terminoa gero eta erabiliagoa da Euskal Herrian. Iparraldean oso arrunta da, euskaldunek "sartzea" erabili ohi dute. Hitz "arrotz-arraro" samarra izan arren, emeki-emeki oihartzun eta lekua hartzen ari da Hegoaldean ere.
Sartzea arrunt erabilia da Iparraldean eskolarako itzulera adierazteko. Konparazione, Seaska Ikastolaren inguruan, bai iaz, bai aurten, eta erran dezagun beti eta betiko, euskaldunen eskola sartzea zalapartatsua izanen da. Eta bai. Adibidez, aurten, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak Frantziako Hezkuntza Ministerioari hogeita bost irakasle lanpostu berri eskatu dizkio, alta, horietatik bost baino ez dizkio onartu. Afera eternoa da. Nola eginen dute ikastolek Frantziako Estatuak euskal irakaskuntza itotzeko asmotik demokrazia fariseuko honetan salbu jalgitzeko?
Badira ere, literaturaren edota zinemaren inguruko sartzeak. Horiek Frantzian gehiago Espainian baino. Nork bere jitea. Badago ere sartze politikoa, Frantzian biziki sonatua, gero eta sonatuagoa ere Espainian. Euskal Herrian gero eta entzutetsuagoak dira sartze politikoak, Iparraldean nahiz Hegoaldean.
Frantziako Estatuan, adibiderako, Emmanuel Macron presidentearen eta lehen ministro Édouard Philipperen Gobernuak Irabazien Zerga ordaintzeko sistema berria indarrean jarriko du 2019ko urtarrilaz geroztik. Le prélèvement à la source de l'impôt sur le revenu edo Irabazien Zergaren ordainketa diru iturritik kobratzen den unean ordaindu beharko dugu. Soldatapekoa bazara zure nagusiak eginen du, eta jubilatua bazara, Erretreta Kutxak. Langile autonomo edo laboraria bazara administrazio fiskalaren bitartez eginen duzu. Galdera: nola ordainduko dugu mugaz gaindiko langileok, transfrontaliér(e)s deituek, jatorrizko erarako zerga?
Sartzea zalapartatsua ari da izaten Katalunian ere. Pedro Sánchez Espainiako presidenteak onartu du katalan gehienek eskatutako erreferenduma. Alabaina, Espainian zaharrak berri dira kurtso politikoaren hasieran, erreferenduma ez baita katalanek Kataluniako Errepublika eraiki ote dezaketen ebazteko, ez horixe. Erreferenduma izatekotan, Espainiako Erresuman segitzeko izanen da. "Bai" ala "Bai". Horretarako galdera egin behar al da? Hori lotsa! Francoren gorpuzkinak!
EAEn, EAJ eta EH Bilduren arteko ezkontza, mugatua ageri da berriz ere. Zertarako euren arteko eztei-bidaia, Euskal Herria Burujabera joan ahal izateko ez bada? Betiko galderak. | news |
argia-4a7e55025ecc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/sagardoaren-emakumeak.html | Sagardoaren emakumeak | Jakoba Errekondo | 2018-09-16 00:00:00 | Sagardoaren emakumeak
Fruituak bildu eta dolarerako bidean jartzeko sasoia da. Udarea (Pyrus communis) , sagarra (Malus x domestica) , mahatsa (Vitis vinifera) ... Bide motz eta azkarra dirudi baina makina bat itzulinguru eta hauen saihesbide landu behar dira fruitua muztio eta muztioa edari alkoholdun bihurtu arte.
Nire ustez, fruitu eta haziekin edari alkoholdunak egitearen arrazoi nagusiak bi izan dira. Batetik, uztak kontserbatzeko era bat da: alkohola iraunarazle edo kontserbatzaile denez, fruitu asko zenean gerora eta ondotxo gerora ere fruitu horiek alferrik galdu gabe izateko era bat da. Bestetik, urak gaitzak eta izurriteak kutsatzen dituenean, hartzitu eta alkohola duen edari desinfektatuak balio handia du osasunerako.
Basatiak edo landutakoak, eskuera ditugun fruitu naturalekin egindako edariak elikaduraren eta osasunaren aldetik osagarriak dira: elikadura osasuntsua. Eta nor arduratzen da gure kulturetan familiaren eta klanaren elikadura osasuntsuaz? Ba emakumea!
Garai bateko hieroglifo, ikono eta imaginetan edari hauek egiten azaltzen direnak denak emakumeak dira. Edari horien sorkuntza eta zaintza bere esku zegoen, eta maiz naturarekin lotzen zituzten jainkosen gurtzaren parte ziren. Naturala da, fruitua emea da, emankortasuna...
Bi indarrek baztertu dute emakumea hartzidura horietatik. Lehena, edari horiek izateak eta gozatzeak dakarten pozarekin eta osasunarekin sekula bat etorriko ez diren ustezko erlijioen elizek sorginkeriekin lotu zituzten. Eta bigarrena, edariak, etxerako zirenak, negozio itzela bihurtu ziren, etxeko lana zena diru sorburu, alegia; eta hori ezin eraman zuten hagintari gizasemeek...
Elikadura osasuntsuan emakumeak agintzea ondo dago, bale. Baina plazer eta gozamenetan eta diru kontuetan manamentua izatea, hori ez, hori bai ezetz! Gizasemeek hagin makilarekin eta haginkadaka hagindu behar dute hor, jakina!
Sagardoaren eta ardoaren munduan antzeko bilakaera izango zela usaintzea ez da zaila. Historialariek azaleratuko dute. Pierre Errostegi de Lancre inkisidoreak 1609an horrela deskribatu zuen Euskal Herria: "Sagarrondoen herria da; emakumeek sagarra besterik ez dute jaten, sagardoa besterik ez dute edaten eta beti prest daude tentazioaren sagarrari kosk egiteko". Gizaseme kristau antzutzaileen ezin eramana. Eskerrak horren buelta ikusten ari garen; emakumeen esku dauden sagardotegi eta ardo upategi gero eta gehiago dago. Sagardoaren eta sagardozaleon onerako! Ardo txurruteroek zuek esan... | news |
argia-d8cb164520d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/amaiera-akatsgabea.html | Amaiera akatsgabea | Montserrat Auzmendi del Solar | 2018-09-16 00:00:00 | Amaiera akatsgabea
Abuztuan zehar, bakarlari, talde eta orkestrak aritu dira Musika Hamabostaldiko aurtengo edizioan. Edizio ona, mamitsua, non publikoak oso ongi erantzun duen. Hamburgoko Orkestrak, Rotterdamekoak eta Budapestekoak zapore ona utzi dute, baina Sinfonieorchester Köln taldeak zur eta lur utzi gaitu, dudarik gabe.
Esan daiteke Koloniako orkestra hau Europako irrati orkestra nagusietako bat dela, bere 65 urteko ibilbidean, oso malgua eta moldakorra, baina esan behar da arrakastaren zati handi bat Jukka-Pekka Saraste zuzendariari zor diola. 2010-2011 denboraldian Saraste izendatu zuten zuzendari titularra eta soinu eta dotorezia bereziak eman dizkio finlandiarrak taldeari.
Horren froga Hamabostaldiaren amaierako kontzertua izan zen. Hector Berliozen Requiem op. 5 obra erronka izugarria da edozein orkestrarentzat, hain obra aberatsa eta orkestazio ikaragarrizkoa denez. Sarastek obraren ezagupen sakona duela erakutsi zuen. Inongo gehiegikeriarik gabe atera zuen pasarte bakoitzetik behar den sentimendu eta ñabardura. Requiem hau ez da ohiko lan erlijiosoa. Berlioz bera ez zen oso gizon elizkoia, eta horrexegatik ohiko bideetatik alde egiten du. Ez du sentimendu erlijioso barnerakoia ustiatzen. Horren ordez, azken judizioaren kontakizun epiko eta handia egiten du.
Donostiako Orfeoiak lan fin eta delikatua egin zuen, doi-doia uneoro, oso enpastatua orkestrarekin. Bestalde, bikain bat eman behar diogu bakarlariari. Maximilian Schmitt tenoreak ahots ederra eta ongi menderatua erakutsi zuen. Agian, agudoren bat zertxobait behartua atera zitzaion, baina zinez gozo eta distiratsua izan zen haren kantua.
Saio espektakularra, beraz, jaialdiari behar bezalako bukaera emateko. | news |
argia-a266b4d1c211 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2612/kursaal-eta-estraperloa.html | Kursaal eta estraperloa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-09-16 00:00:00 | Kursaal eta estraperloa
Donostia, 1934ko irailaren 12a. Gran Kursaal kasinoan Straperlo izeneko bi erruleta mekaniko jarri zituzten abian.
Makina haiei bultzatzaileen abizenen hasierak batuta jarri zieten izena: Daniel Strauss, Joachim Perlowitz eta lehenengoaren emazte Frieda Lowann –beste iturri batzuen arabera, gailua bataiatzerakoan soilik bi gizonezkoen abizenak izan zituzten kontuan, emaitza berdinarekin–. Herbeheretar judu hirukoteak aurrekari ilunak zituen zorizko jokoen esparruan eta, gainera, Espainian jokoa debekatuta zegoen 1924tik, Primo de Riveraren diktadura garaitik. Bigarren Errepublikan ere hala jarraitu zuen. Eta, hala ere, eroskeria medio, Straperloak Donostian martxan jartzea lortu zuten.
Badirudi urrezko erlojuak eta dirua banatuz erosi zituztela baimenak eta, gainera, hainbat karguduni irabazien ehuneko bat jasotzea eskaini zietela. Gerora Straussek deklaratuko zuenez, Madrilgo gobernuan zegoen PRR alderdiko buru Alejandro Lerrouxek %25 jasoko zuen, handik gutxira Kataluniako gobernadore nagusi izendatuko zuten Joan Pich i Ponek %10, eta beste hiruk, tartean Lerroux beraren ilobak, %5na.
Horrenbestez iraileko arrats hartan hasi zen bolatxoa bueltaka eta hiru ordu geroago gelditu, polizia, pistolak erakutsiz, Zurriola ondoko kasinoan sartu zenean. Erruletak hamahiru zenbaki besterik ez zituen eta, beraz, jokalariek beste joko batzuetan baino aukera gehiago zeukaten irabazteko. Teorian behintzat. Praktikan, hasi eta berehala konturatu ziren bertaratutakoak bankua nahi beste irabazten ari zela; croupierrak nahi zuenean geldiarazten zuen gurpila botoi bat sakatuta.
Straperloa iruzur baldarra zela garbi geratu zen arren, handik hilabete ingurura Mallorcan, Formentor hotelean berriro jarri zuten martxan makina parea. Straussek adierazi zuenez, Francisco Francok berak erruletak jartzeko baimenean zeresana izan zuen, Balear Uharteetako komandante militarra baitzen garai hartan. Astebete iraun zuten hoteleko kasinoan, Herrizaintza ministroak egoitza ixteko agindu zuen arte.
"Strauss eskandaluaren" itzala, ordea, luzea izan zen. Errepublikako gobernu kontserbadorearen gainbehera faktore askok eragin zuten, baina Straperlo erruletak izan ziren Biurteko Beltzaren akabua. Ustelkeria kasua 1935eko urrian eman zen ezagutzera publikoki, ezkerreko oposizioaren eskutik, itxuraz. Ondorioz, hilaren 26an, Chapaprieta ministroak dimititu zuen eta handik hiru egunera orduan ministro zen Lerrouxek gobernua utzi zuen. Hurrengo hauteskundeak Frente Popular koalizio ezkertiarrak irabazi zituen.
Orduz geroztik, "estraperlo" hitza amarru, azpijoko edo iruzurren sinonimo moduan erabiltzen hasi zen. Eta gerraostean merkatu beltzeko jarduera bihurtu zen estraperloa. Egun, definizio hau du hiztegian: "Legez kanpoko salerosketa, bereziki lehen mailako produktuekin eskasia garaian egiten dena". | news |
argia-1d54a33f714e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2425/janarien-ospea-aldatu-egiten-da-i.html | Janarien "ospea" aldatu egiten da (I) | Jabier Agirre | 2014-07-27 00:00:00 | Janarien "ospea" aldatu egiten da (I)
Nutrizioaren eremuko aurkikuntzek zenbait elikagairen alderdi negatiboak eta positiboak hobeto ezagutzeko aukera ematen digute. Baina aurkikuntza horiek mendetan zehar gure elikaduraren oinarria osatu duten "egia biribilak" zalantzan jarri edo are, erabat iraultzen dituztenean, galdera bitxiak sortzen zaizkio edonori: Txerrikia oso koipetsua da? Saihestu beharra ote dago ezinbestean gure eguneroko jan-neurritik? Zer komeni da, arrain urdin asko ala gutxi jatea? Arrautza ona ala txarra da osasunerako? Izan ere, betidanik txarra zela uste genuena ez omen da hain kaltegarria, eta ontzat jotzen genuenak badu zer hobetua...
Dena den, elikagaiek gure begien aurrean duten ospea urteen eta garaiko moden arabera dezente aldatuz joan den arren, ez da komeni elikagaiak "osasungarri" eta "kaltegarri" moduan sailkatzea, dieta osotasunean baloratu behar baita: jaten eta edaten ditugun elikagaien kalitatea, barietatea eta proportzioa dira kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak.
Gizakiak betidanik eman dio garrantzia jan-edanari, baina elikagaien inguruko usteak, iritziak eta balorazioak apenas izan duten oinarri zientifikorik historian zehar. Nutrizioa oso zientzia gaztea da, XIX. mendean hasi baitziren "kaloria" , "elikagai" eta halako kontzeptuak erabiltzen. Ordura arte, behaketan eta adituen eskarmentuan oinarritzen ziren. Hipokratesen aforismoak dira horren lekuko: "Izan dadila janaria zure elikagai, eta elikagaia zure sendagai".
Janariak sailkatzeko hainbat irizpide erabili dira historian zehar. Hala, "puruak" eta "ez-puruak" bereizten ziren, edo "sendoak", "tartekoak" eta "ahulak", "osagaiak" eta "pozoiak" zituztenak, eta are "droga" gisa erabil zitezkeenak.
Arrautza
Kolesterol asko dutenen artean begi txarrez ikusia den jaki honek balio handia du elikaduraren ikuspegitik, eta balio biologiko handiko proteinak, lezitina, mineralak eta bitamina ugari dauzka. Lezitinak, hain zuzen, odoleko kolesterola suspentsioan edukitzen laguntzen du, eta horri esker ez da arterien paretetan pilatzen. Hala ere, oraindik askok dute arrautza beren odoleko kolesterol-maila altuaren erantzule bakartzat, animalia-koipeetan aberatsak diren beste elikagai guztiei ere –hestebeteei edo gaztei, esaterako– erreparatu eta bizimodu aktiboari ekin ordez. Laburbilduz, egunero arrautza bat har daiteke inolako kezkarik gabe.
Arrain urdina
Luzaroan, arrain urdina zuria baino askoz ere kaltegarriagotzat jo izan da, koipe asko duelako, besterik gabe. Baina XX. mendearen bukaera aldera ikerketa ugarik frogatu zutena baliatuz, arrain urdina txartzat ez, aitzitik, oso mesedegarritzat jo zuten adituek, haren koipe poli-insaturatuek –omega-3, adibidez– kolesterol txarra gutxitu eta ona gehitzen zutela ikusi zelako. Gaur egun, ordea, eta ez dira azkeneko aldaketatik 25 urte ere pasatu, arrain urdinaren mesedeak zalantzan jartzen hasi dira, bi arrazoirengatik: batetik, omega-3 gehigarrien inguruan egindako ikerketa zabal batek frogatu du gehigarri horiek ez dutela hilkortasun-tasarik jaisten –heriotzaren zergatia edozein dela ere–; bestetik, gure inguruan asko kontsumitzen diren arrain espezie batzuetan aurkitutako metilmerkurio kopuru handiak ikusita, gomendatutako asteroko errazioak birplanteatzen hasi dira adituak. | news |
argia-cba7724dbf6e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/herrigintza-auzolanean.html | Herrigintza auzolanean | Aitor Atxega | 2017-05-14 00:00:00 | Herrigintza auzolanean
Zuberoako Maskaradak Gipuzkoako Aiztondo bailaran aritu ziren maiatzaren 6an eta 7an. Asteburuaren kronika.
Ez da gaurkoa ereindakoa jaso egiten dela. Aiztondon nahiko zalaparta eta iskanbila izan dugu bi egunez. Orain, festak Xiberoranzko buelta-bidea hartu eta bailara baretu denean, irakaspen bat darabilt bueltaka burutik kendu ezinik: erein duguna jaso dugula.
Orain urtebete pasa hasi ginen pentsatzen ederra izan zitekeela Maskarada jokoak ikustea, eta batez ere, bizitzea. Eta ereiten hasi ginen, lanean. Presarik gabe, ahalik eta alderdi edo aspektu gutxien ahaztuz, jendea biltzen hasi ginen, eta lantalde eder bat osatu genuen. Hain garaikide kontsideratzen ditugun zenbat eta zenbat kontzeptu bizi izan ditugun erabateko normaltasunean: adin desberdinen arteko elkarlana –parte hartu duen gaztenetik zaharrenera 50 urtetik gorako koska dago–, transmisioa, euskara, Euskal Herria, askotariko diziplina artistikoen topo egitea, konstantzia, udalen arteko lana, bailarako eskolatako haurren lana, musika, kantua, bertsoa, dantza ikastaroa, auzogintza, herrigintza, Xiberora egindako bueltak, honen herrenak, haren ahanzturak, udal teknikari eta langileak, herrietan barrikadak osatzeko ekimenak… Eta abar, eta abar.
Eta ez dugu gure buruentzat jardun! Beraz, lehen burutazioa eskaintzea da. Aiztondo bailarak bizi izan duen antolaketa-prozesua Euskal Herriko edozein herriren esku jartzea benetan plazer genuke. Ez litzateke inor damutuko. Datorren sasoirako Muskildi prest da!
Arizale taldea joan den larunbatean iritsi zen eta ostatu hartu ostean ongietorria egin zitzaien. Maskaradak duen sotiltasun eta estetika baliatuz, apal-apal, bisita eskertu zitzaien hitza hartu zutenen eskutik. Ondoren kalean ibili ginen kantuan, bertsotan eta dantzan eguzkia lagun. Asteasuko frontoian afaldu genuen, kantatu eta dantzatu ugari, eta badirudi inork ez dakiela noiz bukatu zen gaua.
Igande goizean barrikadak izan genituen. Lau herrietan, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Zizurkilen, bertako jendeak prestatuta errezibitzaile lanak ikusi genituen. Herrietako gazte eta helduek elkarrekin, oso pieza politak eman zituzten: fandango eta arin-arinak, agurrak –dantzan eta abestuta–, Santa Ageda usadioaren arrastoak, azeri dantzak, xorrotxen bertsoak eta hemengoen erantzunak… Eta atzetik, eguzkiak arropei distirarik ederrena ateratzen ziela, aitzindarien saioak; maskarada gorriko dantzari onenak! Zizurkilen eman zen azkeneko barrikada eta usadioa jarraiki marexalen jokoa izan zen. Nola ez, janari eta edari artean joan zen goiza.
Arratsaldean ofizioak izan ziren Larraulgo plazan, Maskarada egunen gailurra. Xiberütarrak pozik ziren arretaz entzun zirelako buhameen eta kauteren pheredikiak. Kabana nagusiak umore finaz airatu zituen bailarako zenbait kontu: Zizurkilgo elizako kanpaia lapurtu dutela, Larraulgo alkateak bailarako beste herri batean ireki duela komertzioa, Alkizan ireki den Fagus zentroa, Asteasuko muskerraren bidea…
Eta horrela bukatu zen astebukaera. Ondoren autobusean sartu ziren, eta beraiek barruan, azken kantua eta azken dantza egin genituen autobusa Aiztondon barrena galtzen ikusi genuen arte.
Sarri arte lagunak! | news |
argia-f5b6e3ca5488 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/tmeo-komiki-aldizkariak-30-urte.html | "30 urteotan denen kontra egin dugu, eta denen alde ere bai zenbaitetan" | Jon Torner Zabala | 2017-05-14 00:00:00 | "30 urteotan denen kontra egin dugu, eta denen alde ere bai zenbaitetan"
1987ko ekainaren 4an plazaratu zen TMEO komiki-aldizkariaren lehenengo zenbakia. Azaleko irudian, zezen-plaza bat, eta toreatzailea lurrean zerraldo, odoletan blai. Haren alboan, zezena zutik, gizonaren belarriak eskuetan, ikusleen txalo eta biba artean. 30 urteotan aldizkariak ikur izan dituen izaera zirikatzailea eta umore garratza ederki islatzen ditu Ernesto Murilloren marrazki historikoak.
Iruñeko Media Luna parkean aurkeztu zuten TMEO aldizkariaren zero zenbakia , zezen-plazatik metro gutxira (alubak!), Tijuana in Blue taldearen akordeak lagun. Nafarroako hiriburuan argitaratu zen lehendabiziko bost urteetan, eta Gasteizen 1992az geroztik, bi hilean behin, Ezten Kultur Elkartearen eskutik. Alde Zaharreko etxabe batean dute egoitza, Errementari kaleko 54an. Atean errotulu edo logorik ez ikusteak harritu egin gaitu. "Lehen bagenuen karteltxo bat zintzilikaturik, baina Charlie Hebdorena gertatu zenean kendu egin nuen, eta gaur arte", esan digu Joaquin Delgado Kini TMEOko marrazkilari beteranoak: "Orain irudi dezake tontakeria bat, baina beldurtu egin nintzen. Blokeatu egin ninduen, ulergaitza zitzaidan, amorru handia sentitu nuen". Iñaki Larrinbe Larry du alboan Kinik, aldizkarian denbora gehien daraman kideetako bat. Eurek kontatu dizkigute TMEO ren 30 urteko ibilbidearen ingurukoak, geldialditxoa eginez umoreak jokatzen duen paperaz hitz egiteko.
30 urte jada. Zer aldatu da denbora honetan guztian?
Iñaki Larrinbe 'Larry': Zer ez den aldatu esango dizut: era nahikoa kaotikoan egin dugu lan hasieratik. Badugu modu asanblearioan funtzionatzen duen zuzendaritza batzordea, baina gaur egun kide bakoitza hiri batean dago: Kini eta biok Gasteizen, Abarrots Bartzelonan, Mauro Entrialgo eta Alvaro Ortega Madrilen, Furillo Zaragozan... Lehen gehiago ikusten genuen elkar, baina orain, Internetekin-eta... Internet, horrek bai, horrek ekarri du aldaketarik; kolaboratzaileekin harremanak erraztu ditu. Lehen marrazkiak bere modura bidaltzen zizkizun bakoitzak. Maketazioan ere asko aurreratu da. Salmentari dagokionez, taberna-sarea hasieratik izan da garrantzitsua guretzat, eta egia da giroa biziago zegoela lehen, zuzeneko kontzertu gehiago, fanzineak...
Joaquin Delgado 'Kini': Maurok [Entrialgo] dioen bezala, "inspirazioa tabernetan aurkitzen nuen lehen, eta Interneten orain". Taberna mitiko piloa itxi dituzte Gasteizen, TMEO ugari saltzen zituztenak. Ia egunero zeuden tabernak lepo lehen, eta orain badira soilik ostiral eta larunbatetan irekitzen dituztenak.
Larry : Horregatik aldatu dugu aldizkaria banatzeko sistema. Ikusi dugu komiki-dendetan egon beharra daukagula, baita kioskoetan ere, gure belaunaldiko jendea ez delako tabernara joaten TMEO erostera. Tabernak, dena den, oinarrizkoak dira oraindik ere. Batez ere haiek eta saltoki txikiek paratzen dituzte iragarkiak gurean, militantziaz. Bada jendea 30 urte daramatzana publizitatea jartzen.
Kini : Ez dakit zenbat zerbeza gehiago zerbitzatuko dituzten gurean iragartzeagatik...
Larry : Diru-laguntzarik ez dugu eskatzen, eta ez dugu onartzen enpresa handi, banku edota alderdi politikoen publizitaterik.
Kini : Eskaini ere ez digute sekula eskaini... Itxaron, bai, hasierako garaietan jarri genuen zerbait, Nafarroako Gobernuarena. Drogaren aurkako kanpaina bat zen. Eztabaida sutsua izan genuen, onartu beharko genukeen ala ez; azkenean sartu genuen, hain baitzen barregarria, TMEOren txiste bat zirudiela. Instituzioak saiatzen direnean kalearen mailan jartzen... [barrez hasi da].
Banaketa-sistema aipatu duzue. Zer aldatu da?
Larry : Lehen guk banatzen genuen leku guztietan. Orain, Euskal Herriko kioskoetara enpresa batek eramaten ditu, Espainiako Estatuko komiki-dendetara beste batek, Elkarrek bere saltokietan paratzen du… Duela zenbait urte ekonomikoki porrot egin genuen, saiatzeagatik aldizkaria Estatu osoan masiboki banatzen. Bi sari jaso genituen [1988an Europako fanzine onenaren saria Grenoblen eta 1989an espainiar fanzine onenarena Bartzelonan] eta, noski, kristorenak ginela sinetsi genuen. 1991n banaketa erraldoi hura egin eta 92an behea jo genuen.
Kini : Tira, sekula ez dugu sosik izan. Zenbaki batzuek hobe funtzionatzen dute, baina furgonetarentzat bi gurpil erosi eta listo, akabo dirua. Orduko hartan galtzerdiak salbatu gintuen.
Galtzerdiak?
Kini: Bai, ez genuen dirurik margoak erosteko ere. Orduan, TMEO Iruñean banatzen zuen tipoak esan zigun etxean bazuela galtzerdi bat, arropa zikinarentzako saskian denbora zeramana, non gordetzen zituen saldutako aleengatik jasotako txanponak eta txeke batzuk. Saskian begiratu eta 40.000 pezeta bildu zituen. Ba horri esker.
Iñaki Larrinbe 'Larry': "Hiru gauzarekin jokatu behar duzu tentuz: Koroarekin, Elizarekin eta terrorismoaren biktimekin. Beno, guk ez dugu tentuz jokatzen..."
Tabernak-eta aipatu dituzue. Komiki edo liburu azoketara joaten al zarete? Durangora adibidez.
Larry : Durangora joan izan gara orain arte, baina aurrerantzean zer egin planteatzen ari gara. Mahaia jartzeak 2.000 euroko kostua du, eta horri gehitu behar zaio langileari ordaindu beharrekoa. TMEOak 4 eurotan ditugu guk. Liburuak 15-20 eurotan saltzen dituenak badu marjinarik, baina guk... Bartzelonan izan gara, Zaragozan, Getxon –25. urteurrenean omenaldia egin zigutenean–… baina ez du funtzionatzen. Komiki azoketako publikoa ez da TMEOren irakurlea.
Kini : Durangon rara avis samarrak gara, guztiak euskarazko produktuekin eta gu hor.
Gaztelania hutsean plazaratzen da TMEO, istorio bakarren bat salbu. Euskarari tarte handiagoa emateko asmorik baduzue?
Larry: Arazoa da Estatura zabaltzen dela. Onena litzateke bi edizio izatea, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, baina lan handia eskatzen du horrek, itzuli, errotulatu… Diru-laguntzarik ez dugu eskatuko gainera; planteatu izan dugu, baina ez dugu Jaurlaritzaren logoa txertatu nahi eta...
Kini: Barra-kodea jartzeko ere barne-eztabaidak izan genituen. Askorentzat iraingarria zen. Horrekin lotuta, fanzine batzuetatik maltzurki esan izan digute: "Lege-gordailua eta guzti duzue eta!". Garai batean bazegoen jende euskalduna, Machas, Abarrots, Patxi Huarte… Iruñeko jendea. Orain soilik Txako dago, baina bizpahiru gehiago baldin badatoz ez diegu betoa jarriko.
TMEO oso "maskulinoa" da, emakume eta gizonezko kolaboratzaile kopuruari begiratzen badiogu bederen...
Kini : Bai. Komikiena oro har nahikoa mundu maskulinoa da. Arrazoia zein den? Ez dakit zer erantzun.
Larry : Musikan gertatzen den moduan, adibide bat jartzearren, honetan ere mutil gehiago gabiltza neskak baino. Horrek, noski, edukian isla du. Aldizkariaren ikur diren izaera ganberroa, eskatologia... ziurrenik mutilei zuzenduago daude. Inoiz pasa egingo ginela? Litekeena da. Dena den gurera emakumeak etorri direnean pozik hartu ditugu. Haien ikuspegia gizon askorena baino basatiagoa da gainera.
Ezkerretik eskuinera: TMEOren zero zenbakiaren azala; ETAren armagabetzea eta errefuxiatuen krisia uztartzen dituen azala, Piñatarena (133. zenbakia); Mauro Entrialgoren ilustrazioak, Carrero Blancori buruzko txioak idazteagatik emakume batek jaso duen zigorrari egiten dio, modu berezian, erreferentzia (140. zenbakia).
Iristen zaizkizuen komikien artean nola egiten duzue hautaketa?
Kini : Ez dugu irizpide finkorik, nahiz eta badaukagun hainbat aspektu neurtzeko puntuazio-taula bat. Kontua da TMEO estilokoa izatea, eta guri gustatzea.
Larry : Manga estiloko sei orrialde bidaltzen badizkizute, erraza da erabakitzea.
Kini : Beste batzuetan konplikatuagoa da. Batzuek uste dute, TMEO garenez, ipurdi-titi-zakil-pixa txisteak bidalita argitaratu egingo ditugula. Bada, ez, gauza ez da hori. Txisteek mezua izan behar dute. Marrazki ederrak izan baina ezer ez badute transmititzen, graziarik ez badaukate… Bi zirriborrorekin egindako istorio batzuek sekulako mamia daukate, eta beste kasu batzuetan, ordea…
Larry: Gurea umore aldizkaria da. Hori da filtro nagusia. Kritika dosi bat duen umorea egiten dugu.
Umoreari mugarik jarri behar al zaio?
Larry : Mila bider esan dugu, komikiak dira umorearen irudikapen grafikoa, arte adierazpide bat. Ez dago mugarik, film batean ez dagoen bezala. Antzezlan batek, arteak, mugarik izan behar al du? Ez. Karikatura eta parodiarako eskubideak aitortu egiten ditu legeak. Komikiak marrazkiak dira, fikzioa da, ez da erreala, inor ez da hil komiki bat irakurtzeagatik.
Kini: Mindu egin zaitzake, ordea.
Larry: Bai, baina ez da existitzen mindua ez izateko eskubidea. Txiste batengatik mintzea, tira, pasako zaizu… Baina artista bat zentsuratu eta kartzelan sartzen baduzu mindu zaituelako... Hobe zenuke ez mintzea zeren eta agian euli bat kanoikadaka hiltzen ari zara. Egia da, halere, herri honetan Auzitegi Nazionala daukagula, eta ezin direla erlijio sentimenduak edota terrorismoaren biktimak iraindu. Hiru gauzarekin jokatu behar duzu tentuz: Koroarekin, Elizarekin eta terrorismoaren biktimekin.
Joaquin Delgado 'Kini': "Txisteek mezua izan behar dute. Marrazki ederrak izan baina ezer ez badute transmititzen..."
Zuek tentuz jokatzen al duzue, baina?
Larry : Ez, gu geurera. Irainak koroari? Zehazki zer da, ordea, koroa iraintzea? Behin izan ginen auzitegian [errege-familiako kideen marrazki batzuengatik], baina epaileak ikusi zuen txiste bat besterik ez zela, eta ez zuen ondoriorik izan.
Kini: Garai batean egin genituen azal batzuk nahikoa arrazoi dira gu espetxera bidaltzeko. Litekeena da agintean daudenek TMEO ez ezagutzea. Baietz uste dut nik, baina ziurrenik badakite kristo guztia zirikatu dugula 30 urteotan. Inor errespetatu al dugu inoiz? Nola koroaren kontra? Denen aurka egin dugu, eta denen alde ere bai zenbaitetan. Maiz jolastu dugu anbiguetarearekin, umore intelijentea da. Zuzentasun politikoarena izugarri puztu da azkenaldian; Carrero Blancoren inguruko txiste batengatik inor zigortzea...
Larry : Hor dabil polizia, jendeak Twitterren zer dioen zelatatzen. Txo, atera zaitez kalera eta atxilotu emakumeak hiltzen ari diren gizonak! Normala da gauza batzuek enbarazu egitea, txiste batek, edota euria egiteak, baina mina, iraina, zure baitan daude. Zer nahi dugu, txisterik ez kontatzea? Txistearekin asmatzea da gakoa, lortuz gero edozerrekin egin dezakezu umorea.
Zein txistek funtzionatzen du ondoen?
Kini : Zaila da erantzutea, baina agian autoritateaz barre egiten duten horiek, ETAri buruzkoak-eta. Beno, ETA ez da autoritatea... tira, ez baina bai [barrez hasi da]. Kontua da zerbait gertatu eta berehala 4.000 txiste dituzula Interneten. Funtziona dezan, beste buelta bat nola eman asmatu behar duzu, besteengandik desberdinduko zaituena, izan koroaz edota ETAz.
Armagabetzeak jokorik ematen al du?
Kini : Bai, baina zenbaki berrian ez dugu azalera ekarri. Otsoaren ipuina da. Hiru azal ditugu ETAk armak utzi dituela erakusten dutenak. Gai inportantea da, eta barruko orrialdeetan jorratu dugu, baina ETAk jada hiru bider aldarazi dizkigu azalak. Popatik hartzera oraingoan!
Komikitik bizitzea ia ezinezkoa den garaiotan, TMEOko kolaboratzaileek ere musutruk egiten dute lan, militantziaz. Beste 30 urtez eusteko moduan? Badago lekukoa nori pasa?
Kini: Etorkizuna datorren zenbakia da, 30. urteurrenari buruzko ale berezia [142. zenbakia izango da]. Desastre puta bat gara eta, zer hasiko gara gu ezer planeatzen?
Larry : Kaosa gara. Nik beti esaten dut, "zenbaki hau ez da aterako", eta atera egiten da. | news |
argia-a6f9b29e7451 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/fermin-paularena-asmatzailea.html | "Donejakue bidera, jendea bezala, espekulatzaileak ere heldu dira" | Reyes Ilintxeta | 2017-05-14 00:00:00 | "Donejakue bidera, jendea bezala, espekulatzaileak ere heldu dira"
Fermin Paularena iruindarra oso ezaguna da bere asmakizunengatik eta abian jartzen dituen negozioengatik. Duela zazpi urte Erro mendatean oasi txiki bat zabaldu zuen Donejakue bideko erromesentzat eta txirrindularientzat, hemendik aurrera trikuharri itxura izanen duena.
Ikusgarria nola erromesak saldoka etortzen diren astegun soil batez, ezta?
Txantxetan esaten dut sinetsita nagoela hor mendiaren erdian semaforoa dagoela, eta berdea jarritakoan jendea trumilka iristen dela. Egia esanda, bidearena mundu mailako fenomenoa da, gero eta jende gehiago erakartzen du, eta faktore askoren eragina suma daiteke. 2016an 278.041 pelegrinek osatu zuten bidea, eta haietatik %55 Espainiako Estatutik kanpokoak ziren, gehienbat Italia, Alemania, Amerikako Estatu Batuak eta Portugaletik iritsiak. Turismo operatzaileek egiten dituzten eskaintzek eta liburu eta filmek izugarrizko eragina izaten dute, horregatik aurreikuspenik ezin da egin. 2011n, adibidez, Kim Hyo Sun korearrak liburu bat idatzi eta reality show bat egin zuen bideaz eta harrez geroztik bisitari korearren kopurua izugarri handitu da. Aurten urtarrilean eta otsailean bidean izaniko atzerritarren %26 korearrak izan dira.
Bestalde, Paulo Coelhok bidea aipatzen zuen 1987an argitaratutako bere liburu batean eta horrek brasildar pila erakartzen ditu. Era berean, Alemanian duela urte bat pasatxo Hape Kerkeling umoregileak film bat egin zuen, berak duela hamaika urte gai beraren inguruan idatzitako liburu arrakastatsua oinarritzat hartuta.
Nola etorri zitzaizun hemen taberna jartzeko ideia?
Duela zazpi urte zabaldu nuen. Asko ibili naiz bizikletan eta jakin banekien bazter hauetan ez dagoela iturririk inon. Erromesek ere ez zuten batere zerbitzurik bazter hauetan, 10 kilometroan. Lintzoainetik zazpi kilometrora eta Zubirira iristeko hiru kilometroren faltan, Erroko gaina toki egokia da horretarako. Erroko Udalaren eta Erro-Zilbetiko kontzejuaren baimenak ditut, tasa bat ordaintzen diet eta oso ongi moldatzen gara.
Aldatu da giroa hasi zinenetik?
Bai. Gero eta jende gehiago dator, baina haiekin batera espekulatzaileak ere heldu dira. Fenomeno turistikoa da, baina bisitari horien profila desberdina dela ere kontuan hartu behar da. Jende asko bere buruarekin egoteko etortzen da, arrazoi erlijiosoengatik edo aldaketa bat nahi dutelako bere bizitzan. Beste batzuek negozio aukera ikusten dute, Mediterraneoko kosta balitz bezala. Errespetua galtzen diete erromesei, askotan. Azken bizpahiru urtetan ikusten da nola erromesei bide erdira ateratzen zaizkien, besotik heldu eta haien etxeetara lotara joateko eskaini, edo bide seinaleak norabidez aldatzen dituzte erromesak nahi duten tokietara bideratzeko. Galizian askotan egiten dute. Nik uste dut hemen beste jokamolde bat izan behar dugula, beste aldarte bat, mendi aterpeko zaindariek bezala. Lagundu behar diogu jendeari, baina ez ahalik eta diru gehien ateratzeko helburu hutsarekin. Turistak dira, baina naturazaleak ere bai, beste filosofia bat da eta bestelako beharrak dituzte.
Donejakue bidearen araudian argi eta garbi esaten da erromesak babestu eta bakean utzi behar direla, baina praktika erasokorrak, lapurretak eta eraso sexistak ere maiz ikusten dira. Erakundeen nolabaiteko axolagabekeria eta babes falta sumatzen da.
Ziklisten topagune ere bada hau.
Bai. Hemen bizikletak konpontzeko erremintak ditugu, eta txirrindulari-bonua eskaintzen diegu. Denboraldiaren hasieran hartzen dute eta etortzen diren bakoitzean hartzen dutena bonutik kentzen diegu, horrela ez dute dirurik ekarri behar aldiro. Horretaz gain, irailaren bukaera aldera lehiaketa eta festatxoa egiten dugu haiekin: lasterketa, txistor jatea eta musika pixka bat.
Eta zer da tabernaren ondoan duzun barruko arropez beteriko kutxa?
Erromesek motxilan zeramatzaten gehiegizko pisuko gauzak uzteko jarri nuen hor, hau da, liburuak, soberako arropa eta abar, baina neska batek Facebooken argitara eman zuen berak bularretakoa kaxan utzi ondoren senargaia aurkitu eta Santiagon ezkondu zirela. Harrez geroztik jendeak barruko arropa uzten du zorte bila.
Egunero dago zabalik taberna?
Apiriletik urrira arte bai. Gainera, aldian behin hainbat topaketa edo festatan catering zerbitzuak egitera deitzen gaituzte. Oso gogorra izan da, orain arte bakarrik egon naizelako. 5 urteko semetxoa ikusteko apenas denborarik dudan, baina orain bazkide bat daukat eta horri esker niretzat eta beste proiektu batzuk abian jartzeko denbora daukat.
Eta laster taberna berritua ikusiko dugu?
Berehala. Trikuharri itxurako taberna izanen da eta ia erabat prest dugu. Mikrouhin labea izanen du janari beroa emateko, hozkailua eta izozkailua. Gainera, "zero emisio eta zero zabor" zigilu berri eta berezia lortu dugu. Sei eguzki plaka izanen ditu argindarra lortzeko eta orain bezala, hondakin guzti-guztiak birziklatzen jarraituko dugu. Adibidez, kafe hondarrekin egur sintetikoa egiten dugu. Beste bost osagairekin nahasita ore biodegradagarria lortzen da, oso konpaktua, baina oso arina aldi berean, eta altzariak edo nahi duzuna egiteko erabil dezakezu. Nik adibidez, nire Bigarren Mundu Gerrako maketarako bunkerrak egiteko erabiltzen dut. Bestaldetik, plastikoarekin eko-adreiluak egiten ditugu. Horretarako botila batean sartzen dira plastikozko beste ontziak ongi prentsatuta, erabat trinkotuta gelditu arte. Egun oso bateko plastikoak sartzen dira eko-adreilu batean. Hau dena Pazko Uharteko erromes batek erakutsi zidan. Haiek han izugarrizko arazoa dute zaborrekin. Plastikoarekin eta poliespanarekin plastiko sintetikoa hotzean egitea lortu nuen eta eserleku batzuk egin ditut proba moduan.
Argazkia: Dani Blanco.
Duela gutxi gaur egun boladan dagoen moduko abenturazko jokorako gunea prestatu duzu Iruñean. Nolakoa da zuk atondutako escape room -a?
"Janari-dendako misterioa" deitzen da eta horrekin aldatu egin dut ihes gela edo escape room motako jokoen kontzeptua. Nire gelan ez duzu giltza bilatu behar handik ateratzeko, baizik eta pentsatu eta ikerkuntza lana egin. Ez dago denbora mugarik. Halako presiorik ez dago. Jolasten ari zara, baina aldi berean, ikasten. Istorio erreal batetik abiatzen da misterioa, kasu honetan janari-denda bateko nagusiaren desagerpena. Dendan dauden gauzak errealak dira, duela 60 urteko denda batenak, eta horiek guztiek eramaten zaituzte garai hartara. Ez da dekoratu hutsa, museoetan izaten diren aurkikuntza gelen antzeko zerbait baizik. Bezeroek esaten dute gurean besteetan baino dezente gehiago pentsatu behar dela eta oso gomendagarria dela haur eta gaztetxoekin etortzeko. Turismoari begira ere interesgarria izan daiteke, bertako istorioak ezagutzera emateko, baina jolasen bidez.
Nire bizitzan hamaika gauza asmatu ditut eta hau da poz handiena eman didana. Askotan gauzak goizegi asmatu izanaren sentsazioa izan dut, jendartea oraindik horretarako prest ez balego bezala. Oraingo honetan, aldiz, badirudi bere garaian asmatu dudala bete-betean.
Eta laster beste bat?
"Biltegi 44" izena izanen du eta frantses erresistentziaren ezkutalekua izanen da. Bigarren Mundu Gerran Mezkiritz herritxoan hegazkin amerikar bat erori zen, 1944ko ekainaren 25ean zehazki. Herritarrek babesa eman zieten paraxutean salto zuten pilotu amerikarrei, eta horrela abiatzen da jokoa. Ekainaren amaieran zabaltzeko asmoa dugu eta orain hegazkin horren metal zatiak eta garai hartako gauzak biltzen ari naiz.
Hasieran, jokalariak simulagailu batean sartuko dira bi minutuz, hegazkinaren barruan zer sentitzen zen jakin dezaten, eta ondoren jolasean hasiko dira naziak atzetik edukiko balituzte bezala. Denbora guztian erantzunak bilatu beharko dituzte, baina teknologia berririk erabili gabe. Horretan datza, hain zuzen ere, jokoaren zailtasuna. Kobazuloetara itzultzea bezala izanen da.
Gerraren aurkako mezua du honek?
Sentimendu hori zerorrek aterako duzu jokoaren bukaeran.
Zer gehiago duzu eskuartean?
Festiman en hamargarren urteurrena beteko da aurten. Hau da, Madelman panpina ezaguna eredu hartuta egin nuen sanferminetako bertsioa. Oso zalea naiz, bilduma handia daukat eta gustatzen zait beste bildumagileentzako panpinak egitea. Inauterietako pertsonaia pila egin dut, besteak beste, Luzaideko bolantak. Orain beste zenbait karakterizazio lantzen ari naiz: artzaina, txistularia eta peñetako kidea. Artisau lan hutsa da. Orain josteko makina industriala erosi dut eta gehiago egin nahi nuke, agian hezkuntza sisteman historia pasarte batzuk azaltzeko, adibidez, euskal piraten nondik norakoak, baina dena egiteko 36 orduko egunak beharko nituzke.
Fermin Paularena Erro mendatean, bere kamioi-dendan Reyes Ilintxeta elkarrizketatzailearekin. Paularenaren ustez, batzuk negozio aukera ikusten dute Donejakue bidean, Mediterraneoko kosta balitz bezala. Argazkia: Dani Blanco
Nondik datorkizu etengabe proiektu berriak abiarazteko gogoa?
Nire desgrazia da. Txikitan auzoan " inventos " deitzen zidaten. Arrotxapeako amonaren baratzean neukan nire ikerlanak egiteko txokoa. Txikitatik oso mugitua izan naiz eta horregatik konplexuz beteta sentitu izan naiz beti. Jendeak errespetatzen ninduen, baina ez ninduen ulertzen. Gauza asko egiten ditut, baina nire erritmoan, hau da, oso azkar, eta ohartu gabe jendea asko estutzen dut nire erritmoan gauzak egin ditzan. Horretaz oso berandu konturatu naiz, tamalez. Besteekin lan egiterakoan arazoa ni naizela berriki ohartu naiz.
Orain asko hitz egiten da pertsona multipotentzialei buruz. Lagun batek gaiaz artikulu bat bidali zidan eta izugarrizko arindua sentitu nuen, hori baita, hain zuzen ere, niri gertatzen zaidana.
Beti sentitu dut maite nauen jendeari huts egin diodala, dena bukatu gabe uztean. Orain, zorionez, badakit multipotentzialak garenon helburua ez dela gauzak bukatzea edo egitea, baizik eta gauza berriak ikastea. Behin gauza bat ikasita, horrekiko interesa galtzen dugu. Horregatik, adibidez, lan batean hiru urte igarota aldatzeko beharra sentitzen dut. Erroko taberna salbuespena da, jendea beti desberdina delako eta denbora uzten dizulako gauza askotan pentsatzeko. Gurea ikasteko egarri ase ezina da. Orain patologia dela jakinda, pozik nago eta oso harro, nire semea ere multipotentziala dela ikusita.
Proiektuak abiarazteko bikainak zarete, beraz?
Enpresa handietan multipotentzialak bilatzen dituzte, proiektuen ikuspuntu integrala izaten dugulako. Nire urrezko garaia izan zen gaztetan Zarata irrati librean nenbilenean edo Donibane auzoko elkartean. Jende gazte asko ginen eta izugarrizko gogoa genuen gauzak egiteko. Zaratan, adibidez, beta motako bi bideo irakurgailu zaharrekin lehen txirrista fabrikatu genuen, zortzi orduz musika emititzeko etengabe. Unitate mugikorra ere egin genuen eta beste traste bat telefono deiak mahaira pasatzeko. Irratiarekin batera dantza taldea, herri kirolena, Ostruka kale animazioarena eta auzoko inauteriak abiarazi genituen.
Gure gazte garaian oso bestelako giroa zegoen. Nahiz eta garai zailak izan eta ezer ez eduki, askatasun handiagoa genuen gaurko gazteek baino. Guk herentzian hartu genuen 70eko hamarkadako kultura asanblearioa. Gaurko gazteak, aldiz, indibidualistagoak dira oro har. Pena ematen dit. Eta tristea da ikustea nola zuk bultzatu dituzun ekimen polit batzuek ez duten jarraipenik. Urtetan aritu nintzen goitibeheren nazioarteko lasterketak antolatzen Euskal Herrian eta nik utzi ondoren amaitu zen kontua.
Zeintzuk dira proiektu berrietarako aurkitzen dituzun trabarik handienak?
Administrazioan oso motela da dena. Amerikako Estatu Batuetan negozio bat abian jar dezakezu eta handik hilabetera ikuskatzailea etorriko zaizu esatera zer moldatu behar duzun, baina hasieratik ari zara lanean. Hemen ez. Hemen baimena eskuratu arte ezin zara hasi eta agian urtebete egon beharko duzu zain. Ekintzaileentzat erakundeak dira amesgaiztorik txarrenak.
Orain egin dudan kamioi berria, adibidez. Erromesek esaten didate hori Berlinen eginez gero sari bat irabaziko nukeela, baina hemen trabak besterik ez dizkizute jartzen. Kamioi isotermo baten kaxa moldatu dut. Poliesterrekin kanpoaldea estali dut trikuharri itxura emateko. Urte osoa eman dut lanean eta ez didate homologatzen. Aldiz, eta begira zeinen tontakeria, kamioi bezala aurkeztu beharrean, kabina askatu eta gero atoi batean zama bezala jartzen badut, orduan bai. Orain, beraz, desmuntatu behar dut dena, kamioia saldu eta trikuharria atoi baten gainean jarri. Eguzkiaren iraultza-zerga da oztopoen beste adibide argi bat. Zergatik ordaindu behar dugu eguzki energia hartzeagatik? | news |
argia-96164f34d3ae | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/usteltzaileak.html | Usteltzaileak | Leire Narbaiza Arizmendi | 2017-05-14 00:00:00 | Usteltzaileak
Naturan ustelkeria prozesu positiboa da. Usteltzeari esker frutek azala eta mamia galdu eta haziak askatzen dituzte, gero lurrean ernatu eta landareak sortzeko. Era berean, hildako animalia eta landareen gorpuak usteltzen laguntzen duten bakterioen lana ezinbestekoa da hilotzak desagerrarazteko, usteltzaileena, alegia.
Gobernatzen gaituzten estatu bietan ere ustela dago nonahi. Handiagoa batean bestean baino. Denon ahotan dabil aspaldian, baita komunikabideen portada, goiburu eta titularretan ere. Ustelduen irudiak azaldu dituzte. Naturan ez bezala, gizaki hauek usteltze horrekin kaltea baino ez dute eragin, eta onura bakarra bere kide ustelduentzako besterik ez da izan. Eta usteltzaileentzako.
Dena den, albiste hauen artean deigarriena zait esaten ez dena, isilean gordetakoa. Izan ere, ustelduen izenak zabaltzen dira lau haizetara, baina usteltzaileenak inork ez ditu ematen. Eta naturan bezala, usteltzaileak ezinbestekoak dira ustelduak egon daitezen. Izadian ere sarraskijale eta bakterio horiek premiazkoak dira ustela sortzeko. Pertsonen artean ere hala da. Usteltzaileak sortzaile eta eragile dira ustelkeria prozesuan. Jaun eta jabe gizartean, boterea eta dirua dutelako. Bestela, nork azaldu isiltasun hori? | news |
argia-f1c9c2070d29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/medikuak-zigortu-langileen-eritasunak-lanarekin-lotzeagatik.html | Medikuak zigortu langileen eritasunak lanarekin lotzeagatik | Pello Zubiria Kamino | 2017-05-14 00:00:00 | Medikuak zigortu langileen eritasunak lanarekin lotzeagatik
Langileen urteotako eskubide galerak baditu eraginak haien osasunean ere. Besteren artean, enpleguen baldintzei lotutako gaixotasun asko geratzen direlako oker diagnostikatuta. Esku-lana horretan ere merkeago atera dadin, patronalak gero eta gehiago sartzen du muturra lan-medikuen jardueran. Gero eta zabalagoa den manipulazioa Frantzian azaleratu da, Dominique Huez doktorea patronalaren eskariz Medikuen Elkargoak zigortu duenean.
Dominique Huez doktore erretiratuak, uxer baten bisita jaso zuen maiatzaren 10ean , epaitegiek agindutako enbargoak exekutatzen dituen funtzionario beldurgarriarenak, alegia. Huez hogeita hamar urtez lan-mediku aritua zen Chinon (Frantzia) herriko zentral nuklearrean. Bere eta emaztearen bi kotxeak bahitzera zetorren funtzionarioa, 1.000 euroko zigor bat pagatzeari uko egiteagatik.
2016ko irailean Medikuen Elkargoko diziplina batzordeak kondenatu zituen Dominique Huez eta Bernadette Berneron medikuak 1.000na euro pagatzera Orys konpainiari, Frantziako argindar ekoizle nagusi den EDF erraldoiaren azpikontrata. Zigorrik txikiena ezarri zieten, baina Huez doktorearentzako 1.000 euro horiek ez pagatzea ohore kontua da.
2011n salatu zuen medikua Orys konpainiak , honen ekipoko soldatzaile-galdaragile gaixotu bati idatziz zertifikatu ziolako bere eritasuna lan-baldintzei lotua zegoela, aipatuz nagusien tratu txarra. Langileak irabazi egin zuen auzia prudhom e tan . Hegoaldeko euskaldunek ezagutzen ez duten Prud'homme delakoa lan-auzitegi berezi bat da, erdi eta erdi sindikatuek eta patronalak izendatua, eta bertan ebazten dira obrero eta ugazaben arteko gatazka asko, epaile profesionalez osatutako beste lan-epaitegietara iritsi gabe.
Prudhomek Orys kondenatu zuten langileari 20.000 euroko kalte-ordainak pagatzera bere nagusiek erabilitako jazarpen moralagatik. Zentral nuklearretan azpikontrata lanak egiten dituen Orysek onartu zuen zigorra eta, gainera, langilearekin adostu zuen kontratua etetea 80.000 euro gehiagoren truke.
Baina ondoren, Orysek usinako medikua salatu zuen Mediku Elkargoaren aurrean, argudiatuz kode deontologikoa urratu zuela langileak patologia depresiboa zeukala eta hori enpresako tratu txarrari lotua zela idatziz emateagatik. Elkargoaren diziplina batzordearen aurrean, lan arloko psikiatrian izen bat baduen Huez doktorea defenditu zuten zenbait profesional ospetsuk. Haien harridura azaldu zuten Huez doktoreari egindako pertsegizioagatik, lan-mediku baten lana denean gaixoak kontatzen dion minari zentzu bat aurkitzea, kasu honetan lan-baldintzen testuinguruan.
SNPST Lan Osasuneko Profesionalen Sindikatuak ohartarazi zuen Medikuen Elkargoa patronalaren morroi bihurtzeko arriskuaz, lanbide eritasunen gaian ororen gainetik gaixoen osasuna defenditu behar duten medikuak babesik gabe utziz ugazaben aitzinean. Epaiketako azken hitzean, Huezek esan zuen: " Hamabost suizidio ezagutu ditut Chinongo zentral nuklearrean. Aipatzen dugun langilearen kasuan, bere buruaz beste egiteko arriskua ikusi nion. Nire ahalegina izan zen gaixo honi laguntzea gertatzen zitzaiona ulertzen, jakin zezan ez zegoela erotuta".
Huez eta Berneronen kondenetan ikusten denez, enpresek aurkitu dute medikuei eskuak lotzeko zirrikitua. Ohikoa da langile gaixo bati medikuek zertifikatu edo ohar bat egitea haien arazoa lan afera batekin lotuz. Idatzi arruntak dira, gaixoa bidali dion beste medikuarentzako edo gaixoarentzako berarentzako eginak. Baina gaixootako batek idatzi hori aurkezten badu lan auzitegian, orduan nagusiek presio egiten diote medikuari idatzia alda dezan, bestela Medikuen Elkargora jotzeko mehatxuz.
"Mediku batentzako –esan dio Dominique Huezek Nouvelle Vie Ouvriere aldizkariari– diziplina batzordearen aurrean aurkitzea sekulako lotsaizuna da, hondamendia. Horregatik gero eta gehiago dira atzera egiten duten medikuak, diagnostikoa aldatzeko prest daudenak, eta gero eta gutxiago dira diagnostikoekin aurrera jarraitzeko ausardia dutenak. Patronalak ondo antolatutako operazioa da, garbi salatu behar da".
Azpikontratatzea nagusi den garaiotan
Huez doktoreak medikuen elkargoek plazaratutako albisteetatik kontabilizatu ditu berearen antzeko 11 zigor 2013 eta 2016 artean. Frantziako patronalak zenbat salaketa jarri dituen jakitea ez da erraz. Huezi urtean 100 salaketa inguru ateratzen zaizkio batean eta bestean arakatuz aurkitutako albisteetatik, baina ziurrenik askoz gehiago izango dira, gehienetan medikuek beldurragatik atzera egiten baitute eta diagnostikoa aldatzen: "Arazook medikuek lotsa handiz bizitzen dituztenez, ez diote inori ematen horien berri. Eta gainera mediku asko elkargoaren aurrean defenditzen dira abokaturik gabe!".
Huezen kasua dela eta, "Patronalaren eta Mediku Elkargoaren arteko konplizitatearen kontra" agiria plazaratu dute lan-medikuntzako elkarte, sindikatu eta mugimendu sail batek , salatuz dinamika honek denok kaltetuko gaituela. Medikuak eta hauen lan ona, dudarik gabe. Baina baita langileak ere, "galdu baitezakete lan istripuen eta gaixotasun profesionalen aitortza eta kalte-ordain eskubidea". Eta herritar guztiak ere bai.
Aurrerago diote: "Guk, mediku eta langileok, ofentsibara pasatu behar dugu. Egunero jabetzen gara lan antolaketak langileon kontra darabilen bortizkeriaren ondorioez: garaia baino lehenagoko heriotzak toxikoekin jardutearen ondorioz, lanbideagatiko psiko-patologiak –lan gaixotasunen katalogoetan onartu gabe daudenak–, gihar eta hezurretako lesioak loturik daudenak lan erritmoak bizkortzen dituen management basati eta inhumanoari...".
Ez da kasualitatea Huez doktorearen buruko minak zentral nuklear bateko azpikontrata batek eragitea. "Lan bat zenbat eta arriskutsuago orduan eta gehiago azpikontratatzen da", ohartarazi zuen ordurako mediku ezaguna zenak 2008an L'Humanité egunkariak egindako elkarrizketa batean .
Azpikontratatzearekin merkataritza-zuzenbideak gaina hartu dio lan-zuzenbideari. Lan bat hasieran antolatzen duena gero eta urrunago dago hori aurrera atera behar dutenetatik, ataza baten prestaketa teknikoa egiten dutenek apenas dakite ezer gero hura aurrera atera behar dutenen baldintza zehatzez. Azpikontratak, berriz, galtzen dira hainbat lan txiki partzialetan, mantenimenduetan ari direnek apenas dute aurretik egindakoen ez informaziorik, ez metatutako esperientziarik. Sarritan esperientzia gutxien daukaten obreroen gain joango dira lanik arriskutsuenak.
Konpainia handientzako hiru abantaila handi dauzka azpikontratatzeak, dio Huezek. Bat, esku lana merkatu. Bi, konpainiaren langileek onartu nahi ez dituzten lan kutsagarrien kontratuetan sartu. Hiru, konpainiek antolakuntza aldetik dauzkaten muga deserosoak hautsi, arazoak besteri pasatuz. "Ugazabentzat tentagarria da lan-medikua bihurtzea enpresaren estrategiaren agente". Oihaneko legea nagusitzean, mediku zuzenak lekuko gogaikarriak bihurtu dira patronalarentzako. | news |
argia-5a160dda2647 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/agur-jose-inazio.html | Agur Jose Inazio | Oier Araolaza | 2017-05-14 00:00:00 | Agur Jose Inazio
ARGIA aldizkariaren orriotan argitaratutako artikulu guztiak irakurri eta estimatzen zenizkidan, eta orriotatik bidali nahi dizkizut esker on hitzak. Kultur sistemaren bazterreko eremuetan, maiz gutxietsiak diren horietan, kulturaren sustapenean eta antolaketan nabarmendu zara, eta euskal kulturari egin diozun ekarpen oparoa azpimarratu eta eskertu nahi nuke agur hitz hauen bidez.
Zure txistuaren lehen notak entzun orduko bularra atera eta hamar zentimetro egiten genituen gora dantzariok; hazita ateratzen ginen dantzara. Txistua indartsu, distiratsu jotzen zenuen, eta modu berean dantzatzera bultzatzen gintuzun. Bizi-bizi sentzilloetan, notak luzatuz jira osoko lasterketan eta pazientziaz kabrioletatik zangoak lurreratzeko zain; musika dantzaren zerbitzura jartzen zenuen, guretik onena emateko bidea irekitzen zenigun dantzarioi; danbolinarekin laguntzen gintuzun une zailetan eta txistuari txinpartak ateratzen zenizkion dantzarion pasarte traketsetan.
Ez dut sekula profesionalik ezagutu zuk erakutsitako perfekzio nahiarekin eta ahalarekin lan egiten duenik
Ogibidez diru-kudeaketan aritzen zinen, eta hara, zehaztasun bera aplikatu zenuen dantzaren antolaketan. Harrituta ikusi zintugun enpresa kudeaketa-modu berritzaileak dantzaren, musikaren eta kulturaren antolaketan erabiltzen. Futbol jokalari entzutetsuen pareko baliabideak, mimoak eta atentzioak eskaintzen zenizkigun dantzarioi bereziki, eta kulturgileei oro har. Profesionalen eta amateurren arteko bereizkeria maltzurrak egiten diren bakoitzean akordatzen naiz zurekin Jose Inazio. Ez dut sekula profesionalik ezagutu zuk erakutsitako perfekzio nahiarekin eta ahalarekin lan egiten duenik. Edozein eremutan sartuta ere, ondo ez, bikainetik gora zen gauzak egiteko ezagutzeko zenuen modu bakarra.
Borborka jariatzen zenuen konfiantza eta babesarekin, dantzari eta txistulari belaunaldi oso bat goi mailara eraman zenuen. Aitzindari eta ausarta zinen, eta musika eta dantza tresna xumeak estu baliatuz gure emariaz harro sentiarazi eta anbiziokoak izaten lagundu gintuzun. Zure lan-diziplinak, eskuzabaltasunak eta neurri gabeko atentzioak hunkituta, bizitza-ibilbidea bera dantzaren eta musikaren mundura lotu izana zor dizugu zenbaitek. Dantza, denbora-pasa gozagarria izateaz gain, euskal kulturaren adierazpen garrantzitsua dela sinestarazi zenigun, eta agerraldi xumeena ere, gure kulturaren ordezkari izatearen ardurarekin eta duintasun gorenarekin betetzen erakutsi zenigun. Agur Jose Inazio, agur. Agur eta ohore.
* Jose Inazio Sarasua Garate, Elgoibarko txistulari bandaren eta Haritz euskal dantzari taldearen zuzendaria, musika, dantza, euskal kulturaren eta kirolaren hainbat talde, elkarte eta ekitaldiren zuzendari eta antolatzaile aparta, pasa den apirilaren 11n zendu da 60 urterekin. n | news |
argia-dfdf066f59b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/azpeitian-hitanoaren-erabilera.html | Zaharrek %30 haurrek %5,5 | Amaia Ugalde | 2017-05-14 00:00:00 | Zaharrek %30 haurrek %5,5
Hitanoa Azpeitiko hizkeraren bereizgarrietako bat da, baina azken urteotan kezka sortu da belaunaldien arteko transmisioaren inguruan. Hori dela eta, ikastetxeetan lanketa berezia egiten hasi ziren duela ikasturte batzuk. Iaz, bestalde, kale neurketa egin zuten, hitanoaren osasunaren diagnostikoa egiteko asmoz. Emaitzetako bi argiak dira: gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute, eta zaharrek gazteek baino gehiago.
Hamar elkarrizketetatik zortzi izaten dira euskaraz Azpeitiko kaleetan. Euskararen arnasgune izanik, hitanoa ere bizirik dago, herritar askok erabiltzen dute. Azken urteotan, ordea, kezka zabaldu da herrian; antzeman dute gazteek gutxiago erabiltzen dutela eta hitanoaren kalitatea galtzen ari dela –noka eta toka ez desberdintzea, adibidez–. Azpeitiko hizkeran berezkoa den ezaugarria sustatu nahian, bi norabidetan egin dute lan Soziolinguistika Klusterrarekin: ikastetxeetan hitanoa lantzeko unitateak sortu dituzte eta 2016an hitanoaren kale erabilera neurtu zuten.
Ikastetxeetako lanketarekin 2010ean hasi ziren. Azpeitiko hiru eskolak –Iraurgi ikastetxea, Ikasberri ikastola eta Karmelo Etxegarai ikastola– egitasmora batu ziren, eta urteotan Soziolinguistika Klusterreko kideekin elkarlanean jardun dute hitanoa lantzeko unitate didaktikoak diseinatzen eta finkatzen. Azpeitiko proiektua baino lehen, Klusterrak Urola bailaran bertan, Zumaian, landu zuen gaia, eta Azpeitian ekimen haren berri jakin zutenean, bertan ere egitera animatu ziren. Ordutik, eskolen bidez hitanoaren arau sozialak eta formak transmititzen dihardute.
Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara egiten dute lanketa, eta maila bakoitzean bi unitate didaktiko dituzte. Soziolinguistika Klusterreko Olatz Bengoetxeak azaldu duenez, "hitanoa erregistro bizia eta lagunartekoa izanik, ikasleek modu jolasti samarrean eta testuingurutik hurbil lantzeko proposamena egin da". Esaterako, LHko ikasleek ingurukoei inkestak egiten dizkiete hitanoaren inguruan, eta gelan landutakoarekin AzpeitHika kartel erakusketa osotu izan dute azken urteetan, Sanagustin Kulturgunean. Esketxak, inkestak, azpeitiarrek hitanoarekin izandako bizipenak grabatzea… hamaika bide erabiltzen dituzte hitanoa lantzeko.
Neska eta mutilen arteko aldea
Ikasleentzat hitanoa ez da kontu arrotza; neurri handi edo txikiagoan, umetatik bizi izan dute inguruan. Ana Garate Karmelo Etxegarai ikastolako irakaslearen hitzetan, "bakarren batzuk egongo dira lanketarekin zerotik hasiko direnak, baina gehienek txikitatik dute harremana hitanoarekin". Ama hizkuntza euskara dutenek maiz entzuten dute etxean eta lagunartean; ama hizkuntza euskara ez dutenak, aldiz, geroago jabetzen dira euskaraz komunikatzeko modu horretaz.
Ezagutzak ezagutza, erabileran alde nabaria dago nesken eta mutilen artean. Edurne Illarramendi Iraurgi ikastetxeko irakaslearen esanetan, "mutilek bai, erabiltzen dute beren artean, baina neska batzuentzat arrotza da". Arrazoiak ez dira garbiak, baina antzeman dute neska batzuentzat hitanoak ez duela prestigiorik: "Zenbait neskak dio horrela ezin dela hitz egin esaten diotela etxean, edukazio txarrekoa dela". Ideia horiei buelta ematen eta hitanoari balioa ematen jarduten dute saioetan.
Horrez gain, irakasleek azaldu dute noka gutxi erabiltzen dela ikasgeletan. Ikasberri ikastolako Marijo Ezama DBHko irakaslea da, eta azaldu duenez, "mutilak neskei askotan toka zuzentzen zaizkie, eta neskek ere batzuetan toka egiten dute euren artean". Ezamaren ustez, ohitura horietan eragitea ez da erraza, are gutxiago nerabezaroan: "Guk zuzen edo egoki nola den esaten badiegu, eurek kontra egiten digute, adin horretan daudelako edo". Kontzientziazio lana egiten ari da behintzat, eta denborarekin horrek erabileran ere eragina izatea espero du: "Agian, 18-20 urterekin beste klak bat izango dute".
Edurne Illarramendik gaineratu du mutil batzuk, euren artean hika egin arren, neskei zuka egiten dietela: "Zergatia galdetuz gero ez dakite erantzuten"; halaxe irteten zaie, berez, inkontzienteki. Ana Garateren hitzetan, "neskek hika gutxiago egiten dutenez, horregatik agian mutilek ere gutxiago egiten diete beraiei hika".
Hiru irakasleek azaldu dute ikasleentzako gaia motibagarria dela. Erabileran eragitea hain erraza ez bada ere, kontzeptuak barneratzen ari direla ikusten dute, eta lanketa horrek urteen poderioz erabileran eragina izango duela uste dute.
Kaleko datuak
Euskararen kaleko erabilera neurtzen hainbat urtetako eskarmentua du Soziolinguistika Klusterrak. 2016an, lehenengoz, kale neurketa horien baitan hitanoaren erabilera ere neurtu dute, Azpeitian eta Usurbilen. Azpeitiko neurketan, kaleko elkarrizketetatik %18,1 izan dira hitanoz.
Neurketak baieztatu du herrian zegoen pertzepzioa eta Azpeitiko irakasleek ikasgeletan hauteman dutena: gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute hitanoa; gizonezkoen artean, neurtutako elkarrizketen %28,2 izan dira hitanoz, eta emakumezkoen artean, aldiz, %10,6. Nokaren erabilera ere, txikia da tokaren aldean: jasotako elkarrizketetan %45,1 toka ari ziren; %37,2 hika neutroan –zein formatan ari ziren baloratu ezin izan den hika–; eta %17,5 noka.
Adinari dagokionez, adinekoek erabiltzen dute gehien, %29,8k. Helduen arteko elkarrizketetan, %23,5 izan dira hitanoz, eta gazteen artean, %25. Haurren artean, berriz, %5ak egin du hitanoz kale neurketan jasotakoaren arabera. Nokaren erabilera dela eta, nagusienek erabiltzen dute gehienbat; solaskideak gero eta gazteagoak izan, noka gutxiago. Gazteen adin-tartean, elkarrizketen %15,1 toka izan dira, %8,1 hika neutroan, eta %1,7 noka.
Neurketaren emaitzak baloratzerakoan, Josu Labaka euskara zinegotziak esan du datuak tentuz hartu behar direla: "Ikerketak erakutsi du hitanoa erabili erabiltzen dela, asko edo gutxi esaten ez dakit; beste herri batzuekin alderatu beharko genuke". Egoeraren argazkia edukitzeari eman dio garrantzia Labakak. Hitanoaren transmisioarekin jarraitu eta hemendik denbora batera beste azterketa bat egitea da asmoa, Azpeitiko hitanoak datozen urteetan zer bilakaera izango duen ikusteko: "Asmoa da bide bat eraikitzea hitanoaren inguruan, berau aztertu eta sustatzeko". Azpeitiko esperientzia beste herri batzuentzat ere baliagarria izatea espero du euskara zinegotziak.
Azpeitian, geldirik, behintzat, ez daude. Bertako hizkeraren transmisioari lotuta hainbat ekimen egiten ari dira. Izan ere, hitanoaren lanketaz gain, Natul elkartearen lana ere aipatzekoa da; Azpeitiko euskarazko hitzak eta adierak berreskuratu nahian ari dira, bertako kale hizkerari balioa emateko helburuarekin. Josu Labakak nabarmendu duenez, "gure aldaeraren aberastasuna eta adierazkortasuna lantzea erabilera sustatzeko modu bat da. Euskarak berak ematen dituen tresnak mahai gainean jarri eta sustatzea da helburua". | news |
argia-59846dee245e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/the-game.html | The Game: Europar Batasunean sartzeko joko krudela | Irantzu Pastor | 2017-05-14 00:00:00 | The Game: Europar Batasunean sartzeko joko krudela
Milaka kilometro eta hainbat muga pasa dituzte gerrarik gabeko herrialde batean duin bizitzeko itxaropenez. Belgradeko tren geltokiaren atzealdean, belztutako adreiluz altxatzen diren hiru barrakoi handi ikusten dira. Hiri erdian abandonatuta bazeuden ere, orain dela hilabete batzuetatik Afganistan eta Pakistan atzean utzi dituzten 500 mutil gazteren nolabaiteko babesleku bihurtu dira. Neguan zero azpitik 20 graduko tenperaturari, gaixotasunei eta goseari aurre eginez bizirauten duten ehunka iheslari ikusezinak dira. Serbia da Europar Batasunean sartu aurreko azken geltokia, baina bidaiatzeko txartelik gabe utzi dituzte eta, antza, inon ez dira ongi hartuak.
Hungaria edo Kroaziako harresia noiz salto egin zain dauden 10 eta 25 urte bitarteko haur eta gazteak dira The Game-eko jokalariak. Etxetik ihesean atera behar izan dutenen joko lazgarria. Horrela deitzen diote militarrez eta poliziaz jositako burdinezko harresia gainditzen saiatzeari.
Mugatik iritsi berri den afganiar gazteak txakurren hozken zauriak ditu besoan. Gauez, harresia pasatzen saiatzen diren gehienak gogor torturatzen ditu Hungariako Poliziak; txakurrekin eraso egiten diete, arropa guztia kendu eta biluzik elurretan etzanarazten dituzte, jipoitu eta odoletan daudela poliziek "selfiak" ateratzen dituzte beraiekin. "Atzo biluzik eta begiak estalita nituela, ostikoka futbolera jolastu zuten nerekin hiru poliziak, mozkortuta zeuden".
Shafiullah 16 urteko afganiarra da. Orain urtebete herritik ihesean atera behar izan zuen talibanek aurpegia azidoz erre ziotelako. Afganistango gatazkak ere 16 urte bete ditu eta hango umeek eta gazteek ez dute inoiz bakerik ezagutu, gerrak idatzi du haien historia. "…baina gu bigarren klaseko errefuxiatuak gara. Siria eta Irakekoak bakarrik ikusten dira medioetan. Haiek gaizki daude, baina gu ez gara existitzen ere", dio Shafiullah-k erdi irribarrez
Bakarrik bidaiatu duten haur kopurua handia da Belgraden. Bederatzi edo hamar urteko umeen begiradan ez dago haurtzaroaren arrastorik. Hilabeteak eman behar izan dituzte oinez eta bidean haietako asko bortxatu, organo trafikatzaileen atzaparretan erori, mugan hil edo desagertzen dira.
Serbia iparraldean, oinez mugatik hamabost minutura dauden eraikin edo etxe hutsetan gordeta pasatzen dute azken gaua errefuxiatuek. Generadore txiki batean mugikorra kargatu bitartean, senideei azken mezuak bidaltzen dizkiete "gezurra bada ere, beti ongi gaudela esaten diegu haiek ez kezkatzeko", dio gazte batek.
Khalid seigarren aldiz saiatuko da muga pasatzen. "The game-era etorri nintzen azken aldian sudurra puskatu zidaten polizia batzuek, errekara bota ninduten arroparik gabe 'go to your home!' (joan zure etxera!) oihukatzen zidaten bitartean". Legez kanpokoa bada ere, egunero gertatzen dira kanporatze lasterrak Serbiara. Horrez gain, Hungariak ere berriki legeztatu du herrialde osoan errefuxiatuak atxilotzeak; Schengen 2.0 gisa ezagun egin diren neurrietariko bat da hau.
Etsipena, urduritasuna eta esperantza nahasten dira azken kilometroan. Hurrengo orduetan pasa daitekeenaz jakitun dira. Beraiek ikusitakoaren arabera, gutxienez 9 lagun hil dituzte Hungariako mugan (errefuxiatuen testigantzez aparte, ezinezkoa da zifrarik jakitea).
Bidaia txartelik ez dutenentzat, horiek dira Europar Batasunera sartzeko jokoaren arau krudelak. | news |
argia-3a3dfd08e555 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/aitor-balbas-8-80-plataformako-kidea.html | "Hirietako mugikortasuna gizarteko arazo askoren isla da" | E�aut Agirrebengoa Apaolaza | 2017-05-14 00:00:00 | "Hirietako mugikortasuna gizarteko arazo askoren isla da"
Aitor Balbas dut izena, eta mugikortasun eredu berria nahi dut Iruñearentzat. Helburu horrekin dihardugu 8-80 plataformako kideok. Autoak dira hiriko erregeak, eta gure ustez, beren lekua garraio publikoak, oinezkoek eta bizikletek hartu beharko lukete. Modu horretan, Iruñea hiri askoz jasangarri eta seguruagoa izango litzateke.
Iruñeak alimaleko gabeziak ditu mugikortasunaren alorrean. Inguruan dituen hainbat hiriren oso atzetik dago. Gasteiz, Donostia edota Zaragozan, kasurako, mugikortasun eredu berri baten aldeko mugarriak ezarri dira mende aldaketaz geroztik. Iruñean, ordea, apenas egin den aitzinamendurik azken 30 urteetan. Areago, okerrera egin duela esan daiteke. 1996 eta 2013 artean gora egin zuen autoen erabilerak, eta behera garraio publikoaren eta bizikleten erabiltzaileen kopuruak. Hori ez da beste inon gertatu.
Gainera, Iruñean udal zirkulazio-zerga merkeagoa da Espainiako Estatuko gainontzeko probintzia-hiriburuetan baino. Kotxeen elkarteek paradisu fiskaltzat dute. Paradoxikoa da, Nafarroak batez besteko errenta altua duelako, eta langabezia gutxien duen erkidegoa delako. Alabaina, ez da ahaztu behar hemen dagoela Volkswagenek Landabenen daukan lantegia. Horrek autoen erabileraren aldeko kutsua ematen dio hiriari.
Albo batera utzi beharko lirateke interes ekonomiko eta partikularrak, eta apustu irmoa egin beharko litzateke mugikortasun eredu moderno baten alde. Egun, hiriaren ardatzetan sei errei daude, eta denak autoentzat dira. Garraio publikoa eta bizikletak bazter uzten dira. Gainera, ardatz horietan abiadura sekulakoa izaten da. Hiri-autobide modukoak dira. Horietan egokitzapen sakonak egin behar dira, baita hiriko puntu beltzetan ere; hala nola, Ermitagaña eta Gipuzkoa etorbideetan.
Arazo larri baten aurrean gaude. Hildakoen kopurua horren lekuko: azken bi urteetan zortzi pertsona hil dira Iruñean kotxe batek harrapatuta. Kasu ia guztietan, biktimak adineko pertsonak izan dira, eta ezbeharrak puntu beltz delako horietan gertatu dira. Horretaz landa, azpimarratzekoa da soilik lekuan bertan edo istripua jazo eta egun gutxitara hildakoak hartzen direla kontuan. Guk, aitzitik, badakigu batzuetan biktimak hilabete batzuetara hiltzen direla.
Alderdikeriak oztopo
Egoera hori iraultzeko asmoz, iazko urrian 8-80 plataforma sortu genuen bizikletarekin loturiko aktibismoan aritutako hainbat lagunek. Hiru dira gure eskaera nagusiak: eskualdean bidegorri sarea osatzea, garraio publikoan moldaketak egitea eta espaloietan dagoen gatazka konpontzeko ordenantza berria sortzea. Udal gobernu berria egungo eredua aldatzeko prest ei dago, baina, momentuz, ez du behar bezalako pausorik egin. Alderdikeriak oztopo ari dira izaten.
Mugikortasunaren alorrean eztabaida ideologikoa dago: batzuentzat, aldaketa guztietan trafikoaren jariakortasuna bermatu behar da, eta beste batzuontzat, besterik gabe, autoen erabilera murriztu egin behar da. Gai oso garrantzitsua da, eta uste dut bestelako alorretan lan egiten duten taldeek gehiago erreparatu beharko lioketela. Finean, mugikortasuna gizarteko arazo askoren isla da. Egungo ereduak autoa duten 20 eta 60 urte arteko gizonezko zuriak lehenesten ditu, eta bazter utzi, besteren artean, umeak, adinekoak, emakumeak, etorkinak... Hori dela eta, kolektibo guztiok landu beharko genuke mugikortasunaren gaia. | news |
argia-56b919991650 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/gizakia-uste-baino-lehenago-iritsi-zen-amerikara.html | Gizakia uste baino lehenago iritsi zen Amerikara | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-05-14 00:00:00 | Gizakia uste baino lehenago iritsi zen Amerikara
Horixe dio behintzat 1992an San Diegotik (AEB) gertu eraikitzen ari zen autobide batean topatutako mastodontearen hezurrek. Hezur horiek animalia hil berritan harriz hautsi izanaren markak dituzte, hezur-muina ateratzeko asmoz. Gainera, alboan ingude eta mailu gisa erabilitako harriak ere topatu zituzten.
Uranio atomoen deskonposaketan oinarritutako metodoa erabili dute aztarnak datatzeko eta emaitzak dio 130.000 urte dituztela. Adituen arabera, marka horiek hominidoek egindakoak izan behar dute (Denisovako gizakiek zein neandertalek). Orain arte aurkitutako frogek zioten gizaki modernoa duela 15.000 urte iritsi zela Amerikara. | news |
argia-72467faf7b3a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/langileen-esplotazioa-kontratisten-inperioan.html | Langileen esplotazioa, kontratisten inperioan | Urko Apaolaza Avila | 2017-05-14 00:00:00 | Langileen esplotazioa, kontratisten inperioan
Euskal Herriko obra publiko handienaren barrunbeetan ezer ez da dirudiena. Aurrerapenaren ikur izan behar zuen, baina muturreko prekarietatea ekarri du; Europako iparraldearekin konektatuko ei gaitu, baina hegoaldeko jendeen izerdi eta odola erabiltzen ari dira. Abiadura Handiko Trena eraikitzeko milaka milioi euro, bi hamarkada eta 6.000 lagun beharko dira. Egin ahal izango litzateke halakorik langileak lepotik estutu gabe? Hesi laranja gurutzatu dugu hori jakiteko, eta egoera gorria aurkitu dugu bertan.
"Prakak urratuta dituenak ordaintzen du beti dena". Esaera zaharra diruditen baina garai berrientzako ederki ematen duten hitzok, buruan kaskoa eta soinean petoa zeraman AHTko langile batek bota zuen duela gutxi. Hernaniko zatian Urumea errioaren arrasean eraikitzen ari diren zubi-bidera begira ari zen. Agintariei gero eta zailagoa egiten zaie %99ak jasaten duen urradura sozialari adabakiak jartzea, are zailago azaltzea nolatan Abiadura Handiko Trena bezalako obra publiko batean lan prekarietatea bihurtu den kontratisten aurrekontua koadratzeko tresna nagusia.
Ia hamaika urte dira Euskal Y proiektuaren lehen zatia eraikitzen hasi zirela Araban, Arrazua-Ubarrundia herrien inguruan, Gasteiztik gertu. Haren sustatzaileek agindu zuten 2013rako Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak trenbidez lotuta egongo zirela ordu-erdiren bueltan. Denborak jarri ditu gauzak bere tokian: obrak bukatzeko data atzeratu dute, nola ibilbideari minutuak gehitu –azkeneko informazioen arabera hiriburu batetik bestera trenez edo autoz bidaiatzea ia pareko izango litzateke–.
2023 arte ez ei da AHT martxan jarriko, baina oraindik trazatuaren erdia baino ez da egin eta zatirik zailenak geratzen dira: Bergarako lotunea –"Y" delakoaren erdian– eta hiriburuetarako sarbideak. Azkenekoon diseinua duela gutxi adostu dute Eusko Jaurlaritzak, udalek eta Espainiako Gobernuak . Geltokien maketa batzuez eta operazio urbanistikorako geratuko diren metro koadroez aparte, ez da askoz gehiago zehaztu; "ausartegia" litzateke Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroaren esanetan finantzazioa eta datak finkatzea.
AHTren eraikuntzak daraman atzerapenaz Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak berrikitan Ser irrati-katean adierazi du "erabaki politiko bat" egon dela –Josu Erkoreka bozeramaileak duela bi hilabete esandakoaren ildotik–. Espainiako aurrekontuen negoziaziorako mahai-jokoan pieza baliotsua izan da AHT jeltzaleentzat, joan den astean jakin genuen bere prezioa: 3.380 milioi euro erreserbatuko ditu Rajoyren exekutiboak trenbidearen eraikitzaileentzat.
Arrazoiak arrazoi, bi hamarkadaz lurperatu ditugu hormigoipean milaka milioi euro, zor publikoa, murrizketak eta pribatizazioak areagotu diren bitartean. EHUko eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekopol ikerlari taldeak azaldu digunez , AHTn gastaturiko dirua ez dugu berreskuratuko inoiz. Energiaren eta obretan isuritako kutsaduraren ikuspegitik ere dozenaka urte beharko dira balantze negatiboa itxuratzeko.
Ekologikoki eta ekonomikoki abiadura handiko trenak izango duen eraginaz asko hitz egin da, baina ba al dakigu zein den obraren kostu humanoa? Proiektu jasangarrienak ez du piperrik balio, euren izerdia eta odola kondizio miserableetan saltzera derrigorturik daudenen esplotazioan oinarriturik baldin badago. Euskal Y -aren 175 kilometroak eraikitzen 6.000 lagun ariko dira urteotan, %80 kanpotarrak dira eta lan-baldintzak estutzen dizkieten azpikontratentzat egiten dute beharra, ELA sindikatuaren esanetan.
2011n Eusko Legebiltzarrak agiri bat onartu zuen sindikatuei AHTko obretara sartzeko aukera emanez. ELAk geroztik makina bat esplotazio kasu salatu ditu: Arrasaten 22 orduz jarraian lan egiten zuten beharginak aurkitu zituzten; Tolosan garraio enpresa baten amarrua azaleratu zuten; Aramaion, Legorretan, Hernanin eta beste hainbat tokitan ikusi dute ez dela eraikuntzako lurralde-hitzarmena betetzen... Kasu batzuetan 18.000 euroko aldea dago langileak jaso behar lukeen ordainsariaren eta egiaz jaso duenaren artean.
Eta ikuskaritzak nora begiratzen du?
Mihai cojocaru eta Raul Resmella Urnietan aritu ziren AHTko obretan baldintza oso kaskarretan.
Prekarietatearen kontrako xenda malkartsu hori ondo ikus liteke Sogeprovi azpikontrataren auziarekin. 2013an egin zuen eztanda, ez AHTn, Tabakaleran baizik. Donostiako kultur zentroa eraikitzen ari ziren langileak oso baldintza kaskarretan zeudela salatu zuen sindikatu abertzaleak (urtean 500 ordu-extra sartzen; oporraldi eta aparteko saririk gabe; 900 eurora iristen ez ziren soldatekin...). Lan-ikuskaritzak esku hartu zuen, eta azkenerako akordiora iritsi ziren Tabakalera sostengatzen duten instituzioekin eta enpresekin, egoera aldatu eta langileei zor zitzaiena emateko.
Aldi berean, handik kilometro gutxira azpikontrata bera AHT eraikitzen ari zen Urnietan, askotan Tabakalerako langileak erabiliz, momentuko lan-kargaren arabera. Kasu hori ere salatu ondoren, ia urtebetera heldu zen lan-ikuskaritzaren erantzuna: ez ordu-estrarik ez arau-hausterik ez zuen ikusi oraingoan. Dokumentuak Tabakalerako auzia ikertu zuen inspektore beraren sinadura zeraman. "Irregulartasunak eta baldintzak berdinak dira, langile eta enpresa berak –zioen ELAk bere salaketan–. Geure buruari galdetzen diogu AHTk nolabaiteko buldarik ote duen".
Mihai Cojocaru:
"Eguberritan kalera bota eta parotik kobratu behar izaten genuen. Hilabete horretako hipoteka ez dizute eteten, nola pagatuko duzu 700 eurorekin?"
Raul Resmella bi tokitan aritu zen lanean Sogeprovirentzat. Tabakalerakoak amaitu zituenean AHTren Urnietako tunelera aldatu zuten, eta han berriz ere "errealitatera" itzuli zen: "Hasi nintzenean klaustrofobikoa zen, etxera joan eta pentsatzen nuen 'berriz itzuli behar naiz zulora?'". Kamioien soinua, gasen negarra begietan... Etxetik 6ak inguruan atera eta maiz gaueko 9etan itzultzen zen, prakak urratuta.
Ikuskariak bazuen Resmellaren eta beste hainbaten egoeraren berri, Tabakaleran gertaturikoagatik. 2015ean obretara bisita egin zuen: "Egun horretan ez zizkidan datuak ere hartu: 'Nola izena duzu? Bale, agur'. Ez nondik nentorren ez ze enpresarentzat ari nintzen... Belarrientzako kaskoengatik galdetu zidan bakarrik, esan nion bokadiloa jateko kendu nituela, lankideekin bestela nola hitz egingo dut?".
Ordaindutako oporrak hartzea zer zen ez zekiten Sogeproviko langileek. Mihai Cojocaru, beste asko bezala, kalera botatzen zuten Eguberritan –obretan izaten den etenaldi bakanean– eta parotik kobratzen zituen egun horiek, berak eskatuta: "Hilabete horretako hipoteka ez dizute kentzen, eta nola pagatuko duzu 700 eurorekin?". Errumaniarra da Cojocaru, aita hil zitzaionean egun batzuez itzuli behar izan zuen bere herrira: ez zioten egun bat bera ere ordaindu.
Raul Resmella:
"Urnietako tunelean hasi nintzenean klaustrofobikoa zen, etxera joan eta pentsatzen nuen 'berriz itzuli behar naiz zulora?'"
Gehiegikerien ebidentzia guztiak bistan, ikuskaritzak erresoluzioa argitaratu zuen azkenean: langileetako batzuek ez zuten oporrik hartu lau urtetan –ezta kobratu ere– eta 300 edo 400 ordu pilatzen zituzten urtero: "Azterturiko kasuetan araudia ez da betetzen sistematikoki", dio txostenak. Gipuzkoako eraikuntza arloko ELAko arduradun Igor San Joserentzat, ordea, ondorio horiek "okerrak eta sinesgarritasun gabeak" dira, egoera askoz larriagoa baita egiaz eta langile gehiagori eragiten die.
Jaurlaritzako Enplegu sailburu Angel Toñak azalpenak eman behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean AHTn atzemandako demasia laboralen harira. Bere esanetan departamenduak 103 bisita egin ditu trenbidearen obretara: "Inork ez du ezikusiarena egiten, eta are gutxiago lan-ikuskaritzak".
Beharginen etxola prefabrikatuan
Urruneko besaulkietatik esaten direnek ez dute lau intxaur balio oinak lokatzetan sartzen dituzunean. Ez dira ehun edo berrehun bisita behar, bakarrarekin nahikoa da ikusteko obra publiko erraldoian araua ez dela betetzen: "Ordu-estra 7 euro ordaintzen digute, eta ordaintzen digutenean", azaldu digu lehen momentutik agure batek; aurpegia zartaturik dauka 40 urtetik gora eraikuntzan lanean aritzearen ondorioz. Hernani eta Astigarraga artean gaude, zementuzko bide inprobisatu batetik sartu gara AHTko obren azpimundura.
Salamancako Encofrados y Puentes de Castilla S.L enpresako langileek Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak dioenaren erdia baino ez zuten kobratzen orain gutxi arte. Arrasateko Ulma kooperatibarentzat ari dira lanean, honek, berriz, Ergobia Hiru Lan (Moyua, Balzola eta Azvi) aldi-baterako enpresa edo UTEa hornitzen du zubiak egiteko materialez. Azpikontrataren azpikontrata dira beraz.
Kofratzaileak Hernaniko AHTren zubi-bidea egiten. ARGIAk haien egoera prekarioaren berri eman ondoren, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena ezartzea onartu du enpresak.
Beharginek bazkaltzen duten etxola prefabrikatura sartu gara eta haien ahotik jakin dugu nola dauden: ez dute oporrik ez dietarik, ez dute aparteko soldatarik, 10 ordu sartzen dituzte egunero, asteburu batzuetan ere geratu izan dira lanean 80 euroren truk: "Jatorduetan gastatzen duguna –dio beste batek–, e obligau! , hemen geratuko bazara", dio haietako batek Coca-Cola lata trago batez amaitu aurretik.
Boltsa termiko handiak mahai gainean dituzte, Cáceresetik datoz gehienak eta Hernaniko etxebizitza konpartituetan igarotzen dute gaua, eguna berriz, tajo an. Astero, ordu txikietan abiatu eta ilunpean 700 kilometro egin ondoren lanean hasten dira, poltsak etxean uzteko betarik gabe. Beharko kafeina eta azukrea, orduak pasatzeko. "Barre egiten dugu negar ez egitearren –azaldu digu 20 urtez enpresan dabilen batek–. Gutako askok parorik ere ez daukagu eta kotizatzeagatik bakarrik gaude hemen. Gero esango dute lan asko dagoela, bai, baina zer preziotan? Azala beltza eduki behar al dut esklabo izateko?".
"Argi geratu da? Inspekzioak hau ez du egiten ezta?", galdetu digu Igor San Josek amaieran. Gipuzkoako AHTren obretako beste zati batean ere izan gara eta hor ere egiaztatu ahal izan dugu eraikuntza hitzarmena ez dela betetzen, enpresa bateko langileekin izan eta gero.
ELAko Igor San Jose Hernaniko langileetako natekin; 2011n AHTko obretan sartzeko baimena lortu eta ordutik hona hamaika esplotazio-kasu azaleratu ditu sindikatuak.
Hernaniko AHTko lan-esplotazio egoera ARGIAren Zuloan blogean azaldu genuen otsailean , Manu Robles-Arangiz institutuarekin elkarlanean abiatutako ikerketari esker. Horren ondotik, azpikontratak onartu du ez zela Gipuzkoako hitzarmena betetzen ari, ELAk aurkeztutako froga eta testigantzek estuturik, eta konpromisoa azaldu du hala egiteko.
Astekari honek ikusi duenez, azken hilabeteko soldata %40 igo diete beharginei –sindikatua jarraipena egiten ari da eta langileei aparteko pagak hainbanatzea nahi du, ez bailitzateke lehen aldia izango enpresak hanka egiten duena–. Langileei bestalde, irribarrea neurrian ateratzen zaie, kezka sumatzen zaie: "Oso garbi daukagu: hemengoa amaitzean gurutzea jarriko digute", diote kaleratzearen mamuarekin etsita. Oraingoz, Aduna ingurura eraman dituzte gehienak, Zizurkil eta Andoain arteko Antsibarko zubi-bidea egitera, Hernaniko obrarekin segituko ote duten jakin artean behintzat. Baina hori UTEaren enpresa kontratistek erabakiko dute, horiek dute zartagina eskuan AHTko lanetan.
Eraikuntza sektorearen arrangurak
Obra zibilean UTEak azpikontrataziora jotzen du etengabe, gastuak gutxitzeko besteak beste. Praktika horrek eraikuntza sektoreko lan-baldintzak erabat hondoratu ditu: "Gailegoak etortzen dira hona portugesak Galizian dabiltzalako, eta Portugalera berriz brasildarrak joaten dira... mugimendu handia dago beti", dio San Josek.
Juanma Diaz errenteriarra Zizurkil eta Andoain arteko AHTko obretan aritu zen lanean ingeniaritza enpresa txiki bateak kontratatuta 800 euroren truke, harik eta ordaintzen ez ziotelako obra zuzendariordearen aurrean planto egin zuen arte.
Mingotsa da egoera, are gehiago jabetzen bagara Euskal Y -aren proiektuaren zati guztietan, UTEa osatzen duten bizpahiru enpresetako bat gutxienez baliabide propiorik ez duen Espainiako Estatu mailako multinazionala dela (ikusi grafikoa); Patxi Lopez lehendakari zela esleitu ziren AHTren zati horiek guztiak.
Juanma Díaz:
"Topografoaren laguntzaile ere aritu nintzen, markatzen, segurtasun baldintzarik gabe; ekaitzak lehertzen zuenean tximistorratzak ginen malkar horretan.
Eta hori obraren hasieran gertatzen zen, behin tunelean sartuta jakizu..."
Juanma Díazek ondo daki konpainia horien ajeen berri: "Aitak esaten zidan: 'Ospa egizu hortik, joan daitezela popatik hartzera!'". Ferrallista zuen aita, eta bere bideari jarraiki sartu zen eraikuntzan, goi mailako gradu bat egin ondoren. Adunako AHTren zatian aritu zen lanean kondizio oso txarretan, harik eta ordaintzen ez ziotelako nazkatuta UTEaren arduradunen aurrean lurrean eseri zen arte: "Obrako zuzendariordeari esan nizkion esan beharrekoak eta orduan erabaki zuten 'hau bota behar dugu bai ala bai'".
Hasieratik kasik bakarrik aritu zen obran, ingeniaritza enpresa txiki batek kontrataturik. 800 euro baino ez zuen kobratzen Díazek eta "denetarako mutil" bezala erabili zuten: "Topografoaren laguntzaile ere aritu nintzen, markatzen, segurtasun baldintzarik gabe; ekaitzak lehertzen zuenean tximistorratzak bezala ginen malkar horretan –azaldu digu errenteriarrak, Zizurkilera bidean dagoen Antsibar erreka inguruko pasaia aldrebesa eskuarekin seinalatuz–. Eta hori obraren hasieran gertatzen zen, behin tunelean sartuta, jakizu…".
Azpikontratazioa eta prekarietatea lan istripuen atariko izan ohi dira maiz. AHTko lanetan gutxienez zazpi lagun hil dira urteotan. Eta kostu humano hori guztia zeren truke? Edo galdera beste modu batera eginda: posible al litzateke AHT eraikitzea –prezio eta denbora horietan– lan-esplotaziorik gabe?
Zizurkil eta Andoain arteko trenbide zatia Aduna UTE edo aldi-baterako enpresa taldea ari da eraikitzen.
Bailaran behera jaitsi gara Zizurkil-Andoain zatia daraman Aduna UTEko arduradunekin hitz egiteko asmoz, ELAko kideak lagunduta. Hor lanean behar duten Cácereseko gure lagunen berri eman diegu, gauez egiten dituzten bidaiak eta horrek dakartzan arriskuak: "Baina orduan ez zarete segurtasun arauez ari –erantzun digu lehor obra zuzendariak–, esan dezagun ohitura arraroak dituztela". | news |
argia-2eee26ec6995 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/gorpu-bizi.html | Gorpu bizi | Mikel Basabe | 2017-05-14 00:00:00 | Gorpu bizi
Duela ia sei urte, gehiengoaren nahia behingoz betez, ETAk iragarri zigun "bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki" zuela. Alegia, armak ez zituela berriro erabiliko. Aukera paregabea, aldebakartasunetik armok non zeuden esan eta erakundea desegiteko. Baina "irabazlerik eta galtzailerik gabeko eskeman" tematurik, errealitateari bizkar eman eta gurago izan zuen "Espainiako eta Frantziako gobernuei dei" egitea, "gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko". Espainiak paso egin zuen, noski: garaipena eskutan, hura iruditan jartzea bilatzen du eta, negoziatu beharrean, ETAri betebeharreko baldintzak ezartzen dizkio, behin eta berriro.
Negoziazioaren ameskeriak gehixeago iraun zion ETAri. Duela bost urte agenda-proposamen publikoa egin zien estatuei. Hiru gai:
"Aipatu helburuak bideratzeari begira, honako elkarrizketa agenda proposatzen du ETAk:
– Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko epeak eta formulak.
– ETAren armagabetzearen, egitura armatuen desegitearen eta militanteen desmobilizatzearen epeak eta formulak.
– Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak eta epeak, Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio armatuaren amaierara egokituz".
Hirurotan bakarra bete da, hain justu ETAren aldebakartasunetik bete zitekeen bakarra: ETAk armak eman ditu, trukean ezer eskatu barik. Areago: eman ditu argi utzita trukean ez duela ezer eskatzen, eta jarritako baldintzak beteta. Ondoren, Espainiak jarraitu du etxerako lanekin: hurrengoa, desegitea. Irakurri duela bost urteko agenda-proposamena tentuz: ETAk ez zuen bere desegiteaz berba egin gura. Baina hori ere eman beharko du, Madrilek horrekin lotu baitu presoen eskubideak betetzen hastea. Jakina: ez da justua. Baina Espainiak ez du inoiz ETAko presoekin justua izateko asmorik izan: begiratu esaterako Parot doktrinari. Espainiak garaipenaren irudia gura du, ETAk eman gura ez dion hori. Desegiteko exijitu dio erakunde desarmatuari. Denbora kontua baino ez da, desegite hori ematea. Aldebakartasunetik, bakarrik alde egitea baino ez baitzaio geratzen ETAri. Zergatik ez zuen iragarri Baionako ekitaldian? Zertarako atzeratu hartu beharko duen erabakia? Pentsatzekoa delako desegitearen ondoren baldintza berriak etorriko direla: iheslariak epaileen aurrera agertzea, "justiziarekin" kolaboratzea… Bien bitartean, denborak aurrera egingo du, eta presoak, zigorra beteta, irteten joango dira. Guztiak? Ez. Zigorrik luzeena dutenek kartzelan jarraituko dute, Espainiako Gobernua aldatu eta ETAren memoria lausotzen den arte.
Irabazlerik eta galtzailerik gabeko eskeman tematzearen kalte-ondorioak, duela ia sei urte agindu ziguten aldebakartasunaren eskema utzi izanarenak. | news |
argia-50d8392ff54c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/ipar-euskal-herrian-macron-garaile-alde-handiagoarekin.html | Ipar Euskal Herrian Macron garaile, alde handiagoarekin | Jenofa Berhokoirigoin | 2017-05-08 00:00:00 | Ipar Euskal Herrian Macron garaile, alde handiagoarekin
Ipar Euskal Herrian ere atera da garaile Emmanuel Macron, botoen %76,52 lorturik. Abstentzioak, baliogabeko botoek eta boto zuriek ere presentzia handia ukan dute, orokorki, aurreko hauteskundeetan eta zehazkiago, lehen aldiz Le Pen bigarren itzulian kokatu zen 2002 urtean baino askoz handiagoa.
Frantzian bezala, Ipar Euskal Herrian ere gailendu zaio eskuin muturreko Marine Le Penei En Marche mugimenduko Emmanuel Macron. Aldea nabarmenagoa izan da ordea: botoen %76,52 lortu ditu Macronek eta Le Penek %23,48. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko emaitzak Frantziakoei alderatuz gero, lehen itzulian agerturikoa baieztatu egin da bigarren itzulian ere: sostengu zabalagoa lortu zuen apirilaren 23ean Macronek (%23,9 Frantzian, %25,06 Ipar Euskal Herrian) eta Le Penen aldekoak ez ziren hain indartsu (%21,7 Frantzian, %13,5 Ipar Euskal Herrian).
Boto zuri eta baliogabeen balioa
Aipatu beharreko beste elementu bat da abstentzio, baliogabeko bozka paper eta boto zuriarena. Lehen itzulian baino handiagoa izan da bozkatzeko urratsa eman ez dutenen portzentajea eta boto zuri eta baliogabekoen kopurua ere azkarki emendatu da. Hala nola, Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan %21,96koa izan da abstentzioa, hots, 110.333 hautesle ez dira bozkatzera joan. Joandakoen artean %10,55ak ez du ez bata ez bestearentzat bozkatu, hots, 52.996 boto emailek. Abstentzionistekin ez bada argi zein heinetaraino den desinteresa edota hautu politikoarena, boto zuri edota baliogabekoekin garbiki agertzen da bigarren itzuliko hautagaiekiko desadostasun politikoa. "Ez bata ez bestea" mezua entzunarazia izan da Ipar Euskal Herrian ere. Adibidez, lehen itzulian ezker muturreko Jean-Luc Mélenchon lehen indar atera zen Maule hirian, abstentzioa %24,14ekoa izan da eta boto zuri eta baliogabeen partea %11,44koa. Alegia, hautesleen herenak ez du ez bata ez besteari sostengua adierazi. Horrez gain, sostengatzaile andana Ipar Euskal Herrian duen Jean Lassalle hautagaiak bigarren itzulian zuri bozkatzera deitu zuela oroit gara.
Le Penen sostengatzaile berriak
Lehen itzulian Le Penentzat bozkatu ez zutenen, baina aldi honetan hobetsi dutenen partea ere esanguratsua da. Lehen indarra inon ez bada atera ere, bere alde joandako boto kantitateak nabarmen gora egin du, bai hiri bai herrixketan. Hautuz alderdi xenofoboa lehenesten ez badute ere, eskuin muturra boterera eramaten laguntzeko prest den jendea bada Ipar Euskal Herrian. Demagun Baionan 4.668 boto lortu ditu, lehen itzulian baino 1600 gehiago; Donibane Lohizunen 1.636 boto, aurrekoan baino 675 gehiago; Donibane Garazin 83 boto biltzetik 147era pasa da; Alduden 18tik 49era; Ahatsan 11tik 25era; Atharratzen 29etik 61era.. Hauteskundez hauteskunde emendatuz doa eskuin muturra eta urrats bat gehiago eman du Frantziako lehendakaritzako bigarren itzuli honetan.
Frantziako lehendakaritza hautaturik, ekainean burutuko diren Legebiltzarreko bozketei begira jarriak dira orain alderdi politikoetako ordezkariak. | news |
argia-bd6c292b7d6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/frantxis-lopez-kmk-ko-zuzendari-ohia.html | "Merkatuak ezin du irentsi literatura aldizkari bat euskaraz, baina euskal kulturak behar du" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-05-14 00:00:00 | "Merkatuak ezin du irentsi literatura aldizkari bat euskaraz, baina euskal kulturak behar du"
20 urtez, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari aritu da Frantxis Lopez Landatxe (Donostia, 1953). Pasa den abenduan utzi zuen postua, nahiz eta ibili, badabilen oraindik, han eta hemen. Anekdota adierazgarri bat: hizketan aritu garen ordubetean, bost lagunek eten digute haria, Frantxis agurtu eta erretiroa zer moduz doakion jakin nahi zutela-eta.
Nolakoa da lehenengo egun hori, hainbeste urtean toki berera lanera joan osteko biharamuna?
Zoragarria. Zergatik? Igual agenda kentzen duzulako gainetik, eta nik uste dut, bizitzeko, tentsioa ona dela, estres minimo bat behar dugula, baina hainbeste urtean, tak-tak-tak… Sinestezina da bat-batean askatasun hori sentitzea.
Pozik zaude egindako bidearekin?
Batzuetan iruditzen zait azkar joan dela, baina katalogoei begira hasita ikusten da urte asko izan dela eta gauza asko egin dela. Ez nuke esango ezkorra naizenik, baina bueno, egin dena egin da.
Arantzarik geratu al zaizu?
Egileei errespetua diet eta pena da lan isil asko hor gelditu dela, bazterrean. Uste dut gure funtzio nagusietako bat zela hori, bazterrean zeudenak ateratzea edo ateratzen laguntzea. Esango nuke bereziki emakume artistenak direla lan isil horiek. Gizonezkoak gehiago mugitzen dira beren obra saltzeko.
Jo dezagun hasierara. Zer dago Koldo Mitxelena Kulturunearen sorburuan?
Etxe horren bihotza liburutegia da. Gero horren inguruan sortu nahi ziren beste gune batzuk, adibidez, garai hartan Arteleku bizirik zegoenez eta huraxe zenez artea sortzeko gunea, antolatu behar zen artea erakusteko beste gune bat, eta gero bazegoen Areto Nagusiaren ideia ere. Hori guztia ikuspegi orokor batetik landu nahi zen, eta arriskua zegoen etxe hori transatlantiko bat bihurtzeko, norabide argirik gabea. Orduan, erabaki zen norbaitek hartzea guztiaren ardura: eskaini zidaten, eta hala hasi nintzen.
Zeintzuk ziren zure erronka nagusiak, zuzendari-lanetan hasi zinenean?
"Ez diogu gure gizarteari jakinarazi inportantea denik gure kultura, eta kulturarik gabeko hizkuntzak ez du eiterik"
Niretzat erronka bat zen izena bera: Koldo Mitxelena. Pertsona zorrotza zen, zientifikoa, baita liberal samarra ere, euskaltzalea, zine-zale amorratua, eta politikan ere ibili zen. Hitz batean, pertsona anitza zen. Jakina, izen horrekin, etxe horretan saiatu behar genuen lehenik eta behin irekiak izaten. Gure gizartean, orain dela 20 urte, tribuak oso markatuta zeuden, eta ireki izateko saiakera horretan erabaki batzuk hartu genituen. Adibidez, areto nagusia librea zen eta da, elkarteek edo mugimenduek, eta ez pertsona fisikoek, libreki erabil dezakete beren kezkak azaltzeko. Guri tokatu izan zaigu, Diputazioaren mende egonda, AHTren kontrako hitzaldiak antolatzea norbaitek aretoan, edo egun batean akaso biktimen elkarte baten ekintza, eta biharamunean presoen familien aldekoa. Alde horretatik, kriseilu bat izan da, eta batzuetan problemak izan ditugun arren, uste dut bide bat markatu dugula.
"Ekoizpenak badaude, baina babestu eta hedatu behar dira", Frantxis Lopezen ustez (argazkia: Dani Blanco).
Hurbiletik begiratu diozue euskaraz sortutako kulturari. Zer-nolako bilakabidea egin du azken 20 urteotan?
Jauzia ikaragarria izan da. Gure garaian militantziagatik idatzi zen, orain beste arrazoi batzuengatik egiten da, baina sorkuntza maila oso altua da, oso interesgarria. Elite batentzat ondo dago, eta batzuetan best-seller antzekoak sortu dira, baina huts egin dugu, ez diogu gure gizarteari jakinarazi inportantea denik gure kultura, eta kulturarik gabeko hizkuntzak ez du eiterik. Adibidez, administrazioetan ikusi dut jendea euskalduntzen zela profila behar zuelako, eta igual lortzen zuten profila, baina zer euskara mota egiten duzu, adibidez, ez badakizu zer den bertsolaritza? Halako hizkuntza bat tresna hila da, tresna hutsa.
Ni ez naiz bakarrik KMKn aritu, ikusi ditut antzerkiaren eta musikaren munduak garatzen: normalizatu egin dira, asko, eta ekoizpenak badaude, baina ekoizpen horiek babestu eta hedatu behar dira. Batzuetan bazterrean uzten dira katebegi batzuk: egin behar delako egiten da, eta kito. Halakotan, beldur naiz ez ote den gure kultura benetan apaingailu bat, errepresentazio handi batean ari bagina bezala.
Zeini dagokio kultura zabaltzeko ardura hori?
"Kanadako lehen ministro batek ohitura hartu zuen antzerki-estreinaldietara joatekoa: gizarteak behar ditu halako liturgiak, indartzeko"
Zenbait herrialdetan, kultur mailako erabaki batzuk hartzen dira epe luzera, eta batzuetan hartzen dituzte parlamentariek. Horrek esan nahi du paktuak egin beharko liratekeela. Askotan, urtetan, ibili gara errentagarritasun ekonomikoaren matraka horrekin, eta kalte egin digu, ia-ia ezinezkoa delako etekin ekonomikoa ateratzea gure kulturari. Merkatuak, barkatuko didazue, ezin du irentsi literatura aldizkari bat euskaraz, baina euskal kulturak premiazkoa du. Zenbat behar dituen, hori beste problema bat da. Gero, sorkuntzak behar baldin baditugu, sortzaileei ere nolabaiteko ziurtasunak eman behar dizkiegu; orain, zenbat poema-liburu atera behar ditugun urtean, hori ez dakit. Horregatik behar ditugu itunak, itun batzuen bidez egin behar dugu produktu batzuk gauzatu eta produktu horiek jarri, promozionatu, goraipatu. Estreinaldi bat dagoenean, euskal kulturaren estreinaldi bat, orain gutxi Loraldian ikusi ditugunak bezalakoa, akaso heldu behar dira politikariak eta esan: hemen egiten den honek garrantzia du, hainbat sortzaileren arteko lana delako, euskaraz delako, eta gure kulturaren parte delako.
Kopako finalera joaten diren moduan joan behar lukete estreinaldietara?
Begira, lanean hasi nintzenean, Kanadako lehen ministro batek ohitura hori hartu zuen, eta noski, antzoki xume batera han iristen ziren bospasei kotxe beltz, eta argi geratzen zen han zerbait ari zela gertatzen. Eta gizarteak behar ditu halako liturgiak, indartzeko. Oraintxe eduki duguna ere [Korrika] liturgia bat da. Baina kontuz ibili behar da, liturgia batzuek, gure garaian, indulgentzia ematen zuten-eta, behin Erromara joaten zena ja salbatu egiten baitzen.
Tabakaleran egin diogu elkarrizketa KMK-ren zuzendari ohiari (argazkia: Dani Blanco).
Nolakoak behar lukete lehenago aipatu dituzun itun horiek?
Dena ezin da politizatu. Adostasun batzuk minimoak dira, eta horretarako hor dago duintasuna. Gizarte batek ez du duintasuna galdu behar, eta horrek esan nahi du kulturako gauza batzuk derrigorrez egin behar direla, askatasun osoz, eta guztiz errespetatu behar direla, bazterrak nahastu gabe. Hori horrela izan dadin, akaso kudeatzeko tresnak ez dauzkagu ondo antolatuta. Fundazioen administrazio-kontseiluak politikariz josita daude eta, gero, horien eta zuzendaritza artistikoen artean, talkak sortzen dira. Zer ulertzen du politikari batek kultura digitala esaten dugunean? Horiei ere ez die espiritu santuak argitzen bidea. Askotan, badirudi kulturaz denok dakigula, denok daukagula zer esana. [Haizea] Barcenillak hitz egin eta idatzi du horri buruz, eta horixe esaten zuen. Gibela operatu behar badizute nork hitz egiten du, denek? Ospitaleko gerenteak, garbitzaileak, guztiek? Ba ez, eta kulturan berriz bai.
Artelekurekin zer gertatu zen?
"Gizarte batek ez du duintasuna galdu behar, eta horrek esan nahi du kulturako gauza batzuk derrigorrez egin behar direla, askatasun osoz,
eta guztiz errespetatu behar direla"
Hor lortu zen autonomia handi bat eta artistak ere aske ziren beren gauzak egiteko, baina gero programazioa elkarlanean garatzen zen. Izango ziren 10-12 urte, lehenengoak, oso potentea izan zen. Eta gero aldatu egin zen. Garai digitalak zetozkigun, apurka-apurka garrantzi handiagoa zeukan prozesuak objektuak baino, Santik [Eraso] utzi zuen… Eta zer gertatu den, ba balneario bihurtu dela.
Donostia bihurtu da balneario?
Hirian bizi direnengan ez baizik turistengan pentsatzen da. Gogoratzen naiz, adibidez, Odon Elorzak Monpas aldera jarri nahi izan zuen paseo horrekin, jendeari galdetzen ziotela iritzia, eta erantzun asko ez zirela "nire gustukoa da" edo dena delakoa, baizik eta "kanpotarrei izugarri gustatuko zaie". Hemen daramagu ehun urte hotelak egiten, hotelak ixten, berriro hotelak egiten… Ostalaritza horretan ari gara eta Jazzaldia edo Musika Hamabostaldia edo Zinemaldia izan dira eskaintza berezi bat jendea erakartzeko. Hor ere beste hausnarketa bat egin behar da: gauzak programatzen gastatzen dugun diru guztia kontuan harturik, zenbat jartzen dugu sorkuntzan? Alde horretatik gara pixka bat balneario: kanpokoari begiratu bai, baina bertan bizi garenok zer, non gaude, zer behar dugu gure bizitza aurrera eramateko? Hori da faltan sumatzen dudana. Eta igual Iruñean gutxiago nabaritzen dut, tentsio handiko hiria delako, eta Bilbon…
Zer iruditzen zaizu Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena batzeko proiektua?
Nik uste dut aspektu batzuk onak direla: hiritarren aurrean, instantzia bakar bat izatea, karnet bakar batekin, edo karnetik gabe ere, eta horrek laguntzea informazio beharra asetzen. Baina eragile asko daude tartean, eta gero jendea dago, funtzionarioak-eta. Bideak erraztu behar dira, ilusioa piztu behar da, jendeak ez du mehatxurik ikusi behar… Hori dena konplexu samarra da, denbora behar du, eta elkarrekin hausnartu beharko litzateke, lan-taldeak sortu eta ikusi ea zer trebezia eta gabezia daukan bakoitzak. Dinamika berriak sortu behar dira horrelako bi erakunderen arteko lotura egin nahi bada. Akaso ameskeria da adostutako ildo baten arabera lan egitea, baina hastapena izan daiteke. | news |
argia-26497ba5d011 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/hawaiiko-azken-printzesa.html | Hawaiiko azken printzesa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-05-14 00:00:00 | Hawaiiko azken printzesa
Honolulu, 1875eko urriaren 16a. Victoria Kawēkiu Kaiulani Lunalilo Kalaninuiahilapalapa Cleghorn jaio zen. Hawaiiko errege Kalakauaren arreba zuen ama, Miriam Likelike printzesa. Aita, aldiz, Archibald Scott Cleghorn finantzari eskoziarra. Eta amabitxia Ingalaterrako Victoria erregina, urte batzuk lehenago Hawaiiren independentzia berreskuratzen lagundu zuena, beti ere Ingalaterraren interesen alde (eta AEBen interesen kontra).
14 urte zituela hara, Ingalaterrara, bidali zuten Kaiulani ikasketak osatzera eta lau urte eman zituen bertan. Kalakaua 1891n hil zen eta haren alargun Liliuokalani izan zen erregina. Errege-erreginek ez zeukaten seme-alabarik eta Kaiulani izendatu zuten oinordeko. Baina ez zion luzaroan eutsiko printzesa koroatu tituluari. 1893an monarkia abolitu zuten Ozeano Bareko artxipelagoan eta AEBekin bat egitearen aldeko gobernu berria ezarri. Tronugabetutako printzesa Ingalaterratik AEBetara joan zen orduan.
Besteak beste, Bostonen eta New Yorken prentsaurrekoak eta hitzaldiak eman zituen Hawaiiren burujabetzaren alde. Washingtonen Grover Cleveland presidentearekin modu ez formalean biltzea lortu zuen. Presidenteak asmo onak adierazi arren AEBetako kongresuak ez zien printzesaren eskaerei jaramonik egin.
1894an Hawaiiko Errepublika ezarri zen, Robert Louis Stevenson txikitako laguna hil zen eta Kaiulaniren berezko osasun pattala gehiago ahuldu zen. 1897an itzuli zen printzesa Hawaiira, Annie ahizparen heriotzaren berri izan ondoren eta ahalegin diplomatiko guztiak porrot eginda. Hawaiiko klima tropikalaren erruz, haren osasunak okerrera egin zuen. Iritsi eta berehala, igerian ari zela, hotzeria harrapatu zuen eta, geroago, 1898an pneumonia, zaldian ibiltzen ari zela ekaitzak harrapatu ondoren.
Eta, azkenik, 1898ko abuztuaren 12an AEBek Hawaii anexionatu zuten. "Tronua galtzea baino askoz mingarriagoa izan da gure bandera eraisten zutela ikustea", adierazi zuen oinordekoak. Anexioaren zeremonian, errege familia jauregian bildu zen eta, hawaiiar gehienak bezala, dolutan egon ziren, lutozko jantziak soinean. Jantziak ez zituzten luzaroan gordeko.
Kaiulanik izebari, Hawaiiko azken erreginari, idatzi zion azken gutuna: "Dena kendu digute, bizia besterik ez zaigu geratzen". Eta handik gutxira hil zen, 1899ko martxoaren 6an, 23 urte zituela. | news |
argia-ca08d4d123d9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/macron-presidente-promesak-egia-bihurtuko-balira.html | Macron presidentea: promesak egia bihurtuko balira | Mikel Asurmendi | 2017-05-08 00:00:00 | Macron presidentea: promesak egia bihurtuko balira
Emmanuel Macron da Frantziako presidente berria, hautesleen bozen %65,5 jasota. Marine Le Penek, berriz, %34,2 boz bildu ditu. Macronek 20,7 milioi herritar inguratu ditu eta Le Penek 11. Sei milioi hautesle abstenitu dira.
Le Penek hamaika milioi boz jaso arren, galtzailetzat jo du bere burua eta presidente berria onartu. Fronte Nazionala (FN) mugimenduaren aldaketa sakonak iragarri ditu, baita ekaineko boz legegileak "hirugarren itzulia" legez aurreikusi. FNk Macron presidentearen aro berriaren oposizioko lehen indarra izanen dela erran du Le Penek.
Macronen En Marche! alderdi berriak lantegi eskerga dauka gaurtik ekainaren 11ra bitarte. Macron sozio-liberalak Asanblea Nazionalean ordezkaria sendoa lortu beharko du, baldin eta iragarri dituen erreformak gauzatuko baditu.
Erreforma hauen bidez Frantziako ekonomia fiskala eta laborala harmonizatu nahi ditu, eta aldi berean sintonia lortu Europatik datozen neurri politikoekin. Horren xedetan, Alemaniako Angela Merkel kantziler kontserbadorearengana eginen du lehen lan bidaia.
Frantzia intsumisoa mugimenduak Europatik etorriko diren politika kontserbatzaile eta neoliberalei aurre eginen diotela iragarri du Jean-Luc Mélenchonek. Humanismo sozial eta ekologikoa gauzatzea xedetzat hartu du.
Itxura batez, Macron presidenteak Kohabitazioaren edo Bizikidetzaren Gobernu hipotetikoa osatu beharko du. Horretarako, Les Républicains (LR) alderdi kontserbadorea eta MoDem alderdi zentristarekin akordioetara iritsi beharko luke.
Alabaina, LRko hautagai François Fillon ez da ongi paratua irten hauteskunde hauetatik. LRren baitan gorabehera askotxo izanen dira datozen lau asteotan. Hezkuntza ministro ohi François Bayrou aldiz, ongi baino hobeto kokatuta dago Gobernua osatzeko orduan.
Louvre Museoko zabalgunean presidente berriak eskainitako lehen diskurtsoan, nazioaren zatiketaz kontzientea dela erran zuen, baita FNko zein bera presidente egin duten gainerako alderdietako boto-emaileak ere aintzat hartuko dituela. R assemblement da bere hitz gakoa.
Ba al dago, ezkerreko, eskuineko, "aberatsak" eta "pobreak" proiektu berean biltzea? Europako politika neoliberal kapitalistak apalduko al ditu Frantziako hiru milioi langabetuen tasa? | news |
argia-84811b694fdb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/labore-elkartea.html | Oarsoaldean supermerkatu eredutik aldentzen | Garazi Zabaleta | 2017-05-14 00:00:00 | Oarsoaldean supermerkatu eredutik aldentzen
"Gure inguruko lehen sektorea egoera zailean zegoela bagenekien. Aldi berean, supermerkatu handiz inguratuta geundela ikusten genuen. Horri buelta emateko erabaki genuen Oarsoaldeako lau herrietako –Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Orereta-Errenteria– zenbait herritarrek Labore elkartea sortzea". Jon Legorburu elkarteko kidearen hitzak dira, Laboreren hastapenaz. Denda ireki dutenetik hilabete inguru pasatu den honetan, pozik daude herritarren aldetik jasotzen ari diren erantzun onarekin.
"Ekoizleentzat justua eta erosleentzat arrazoizkoa"
Horrela definitu dituzte Labore dendako produktuen prezioak, erosketaren bi aldeentzako justua denaren bila.
Bertako produktuak nahiz produktu ekologikoak eskaintzen dituzte elkartearen dendan. "Oarsoaldean produktu gutxi lantzen dira eredu ekologikoan. Beraz, guk bertako produktuari ere garrantzi handia ematen diogu, ekologikoari ez ezik". Produktuen eskaintza egiterakoan, hainbat konpromiso hartu ditu elkarteak: osasungarria izatea, era justuan eta solidarioan ekoitzia izatea, arrazoizko prezioak edukitzea eta erosleentzat erosoa eta irekia izatea.
Bolbora bezain azkar zabaltzen
Lehenagotik lanean ari baziren ere, martxoaren 25ean ireki zuten Laboreren 300 metro koadroko pabilioia Oiartzungo futbol zelaiaren ondoan. Hilabeteren buruan elkartearen bazkide kopurua ia bikoiztu egin da. "Denda ireki baino lehen 250 bazkide inguru ginen, eta orain berriz 400 bazkidetik gora gara. Jendea dendara hurbildu eta tokia ikusten duenean animatu egiten da". Egunero bazkide berriek elkartearekin bat egiten jarraitzen dute.
Emaitzak ez ezik, sortze prozesua ere berezia izan da Laboreren dendan. Obra guztia auzolanean atera dute aurrera, elkarteko bazkideen elkarlanari esker. Bazkideen parte-hartzeari garrantzi berezia ematen diote Laboren. Nola bideratzen duten hori? "Langile kontratatu bat badugu dendan lanean, baina bestela, bazkideek egiten dituzte lan asko: egunero bi lagun sartzen dira dendaren garbiketa lanak egitera edota produktuak bere lekuan jartzera kamioia iristen denean". Aurrera begira lanean jarraitzeko indarrez daudela adierazi du. Maiatzean eta ekainean, adibidez, hainbat azoka txiki eginen dituzte eskualdean. Eta bazkidetza zabaltzen jarraitzeko ideia dute. Erronka: baietz 500! | news |
argia-15f72e3f4f7d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/laura-perez-bartzelonako-feminismo-zinegotzia.html | "Hiriek generoa dute, eta desberdintasunak gutxitu daitezke politikak aldatuz" | Saioa Baleztena | 2017-05-14 00:00:00 | "Hiriek generoa dute, eta desberdintasunak gutxitu daitezke politikak aldatuz"
Kazetaritza eta Nazioarteko Kooperazio ikasketak egin zituen Laura Pérezek (Bartzelona, 1982). Peru eta Bolivian turismoaren garapenerako estrategietan lan egin du, Ekuadorren emakumeen eskubide ekonomiko eta politikoen garapenean, eta El Salvadorren indarkeria sexualaren ezabaketan. Gaur egun Bizi zikloak, Feminismoak eta LGTBIko zinegotzia da Bartzelonako Udalean.
Ada Colauren gobernuak ekarri zituen berrikuntzen artean dago feminismoaren zinegotzi kargua. Nola suertatu zen?
Nire saila hauteskundeen aurreko kontua da. Barcelona en Comú plataformaren sorrerarekin batera sortu genuen feminismoen ardatza, gaur egun Bartzelonako Udalean jorratzen ditugun gaiak lantzeko. Eta, noski, gobernuaren sailak definitu genituenean oso argi izan genuen politika feminista nabarmendu behar genuela, eta sexu eta genero aniztasunak betekizun nagusi izan behar zuela Bartzelonan.
"Feminismoak" kontzeptua indartu nahi izan duzue, emakumeak edo generoaren gainetik. Zergatik?
Borroka feminista aldarrikatzea indartsua iruditu zitzaigun batetik, eta bestetik, gobernua osatzen dugunok edan dugun feminismoaren ondareari gorazarre egiteko aukera eta unea zela ere ikusi genuen. Ez genuen emakumearen saila sortu nahi, singularrean. Pentsatu genuen jauzi kualitatiboa zela feminismoez hitz egitea.
Zein diagnosi egiten duzu genero berdintasunaz gaur egun?
Positiboak izan behar dugu. Asko aurreratu da emakume askok buru-belarri borrokatu dutenari esker. Noski, oraindik ere asko dago egiteko. %25eko soldata desberdintasuna dago eta indarkeriak eguneroko agenda hartzen du; ez bakarrik bikoteetan, kalean eta lanean ere bai. Eta hori begi-bistako desberdintasuna da. Baina ezinbestekoa da lorpenei heltzea borrokatzen jarraitzeko.
Espazio publikoa historikoki gizonezkoentzat diseinatuta dago. Nola feminizatu daiteke?
Hiriek generoa dute, politikek generoa duten bezala. Eta desberdintasunak gutxitu daitezke hiri-politikak aldatuz. Funtsezkoa da etxebizitza sailak eta hirigintzak begirada feminista izatea, aldaketa txiki horiek halbidetzen baitute hiri bat genero begiradarekin eraikitzea.
Zein da erakundeek berdintasunaren alde egin dezakezuen ekarpena?
David eta Goliaten arteko borroka da. Erakundeek asko dugu egiteko baina merkatuen interesek indar handiagoa dute gaur-gaurkoz. Eta merkatuak sistema binario bat betikotzen ari dira, neskei txikitatik emanez zaintzaile ardura, eta mutilei, aldiz, borrokarena, lehiarena eta heroiena. Ankerra da, haur eta gazteak sortzen ari dira eta oraindik ez dute gauzak desberdintzeko irizpiderik.
Hazte Oír-en kanpainaren gisakoek zein eragin izan dezakete gizartean?
Tira, kanpaina horrek homofobiaren kontrako arbuioa indartu du, mezua bera baino. Egia da mediatikoki eztanda handia izan zuela, beraz debalde indartu dira. Baina batez ere elkartearen kontrako eztanda nagusitu da. Hala ere, kanpaina horrekin gogoeta sakonago bat sustatzeko aukera galdu dugu. Ez baitugu ahaztu behar autobus hartan zegoen mezu bera aurkitu daitekeela testuliburuetan, eta aldiz, horren kontra ez da halako erantzunik ikusten. Arazoaren errora joan beharko genuke.
Lehen aldiz, Bartzelonak feminizidioen kontrako protokoloa sortu du. Zertan datza?
Bartzelonako mugimendu feministaren aspaldiko eskakizunari erantzuteko, hiriko elkarteekin batera sortu dugun lanabesa da. Zoritxarrez dagoeneko behin baino gehiagotan erabili dugu. Feminizidioen kontrako protokoloaren bitartez lanabes berria sortu dugu, Bartzelonan emakume bat hiltzen dutenean Udalak nola jokatu behar duen azaltzen duena. Hala ere, indarkeria matxista ez dira hiltzaileak bakarrik; horiek kaleko erasoan hasten den izebergaren tontorra besterik ez dira, eta berriz diot, arazoaren errora joan beharko genuke, horretan ere.
Kataluniako hiriburuak emakume feminista bat du alkate, lehen aldiz. Ama izan berri da. Politika egiteko modu berri baten aurrean gaude?
Ada Colauk ausardiaz beteriko ibilbidea du bizkar gainean, eta horrek eragin du Bartzelonan egiten dugunak nazioartean hedadura izatea. Balio oso inportantea da Bartzelonako alkatea, emakumea izateaz gain, feminista izatea. Izan ere Madrilek adibidez, Manuela Carmenaren aurretik ere izan zuen emakume bat alkate, baina politikak bestelakoak ziren...
Etorkizunari begira, zein dira erronka nagusiak?
Nire sailaren erronka nagusia sendaketaren ekonomia da. Aspalditik lanean ari gara horretan, baina zaila da egindako lana mamitzea. Hala ere, uste dut, legealdia osatzeko gelditzen zaizkigun bi urteetako lana bide horretatik joango dela. Bestalde, orain arte sortu ditugun lege berriak garatzen joatea eta begirada feminista Udaleko eta hiriko zirrikitu guztietan sartzea izango da gure jomuga. | news |
argia-dad1ddbfa940 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/hilda-ere.html | Hilda ere | Aritz Galarraga | 2017-05-14 00:00:00 | Hilda ere
Jurnalista ustez graziosa berriz ekinean: orduko hartan aski ez (ARGIA, 2010-09-26: "irakurketa xalo xamarra, piperrik gabea" omen Mugetan eleberriarena), Hasier Etxeberriaren beste liburu bati heldu dio oraingoan, zer eta omenaldia egiteko edo. Ez dira gutxi utzi dizkigunak, tartean, gustura irakurtzekoak, Damian Arrutirenak. Artikulu bilduma aukeratu, ordea, kritikari arropak beztitu dituen honek, auskalo izokinaren sindromeak jota. Bost urtez, 1999-2003, hamabostean behin, gutun itxurako zutabe bat Gara egunkarian. Edo zutabe itxurako gutun bat. Patri delako bati ("inork ez baitu jakin ahal izango zu nor zaren"). Dena delakoarekin: Etxeberriaren kezkak agertzen dituzte beren luze-zabalean.
Zein dira kezka horiek, bada: pentsalari ponposoak, txikion atsegin hartze eza, literaturaren luxua, Frantziaren handitasuna, Iparraldetik etortzen zaizkigun ikasgaiak. Eta, batez ere, aspaldion berritsu dabiltzan gure mutilak ("argazkietan agertzen diren kaputxadunak beti mutilak direla baitirudi"). Ibarretxe planaren garaia da, Korta, Lluch, Pagazaurtundua, Barandalla, Egunkaria -ren itxierarena. Besteren gainetik, ETAren jardunak aztoratzen du zutabegilea: "Ordaindu beharreko prezioa honelakoa izanik, kasik ez baitu merezi ezer lortzeak". "Gure" posesiboak ematen dio min: "Gureak kezkatzen nau ni, gure jendeak egiten dituenekin dut sufritzen, izan Ertzain edo izan ETAko. Zer egin dugu halako salbatzaileak merezi izateko?". Azken batean, Etxeberriak barru-barrutik sentitzen duena, ez ote den Segundo Mareyk gordeta zeukan min hura: "Bahitu zuten terroristak bere ezpal berekoak izatea". Baina mezua da garbia: "Indarkeria oro eten eta abertzaleen batasuna eraiki behingoz".
Hori bai, ezagun dugu: lagun asko galdu ohi ditu zutabegileak, bere lanari zintzoki heltzen dionean. Halaxe dio bildumako azken gutunak: "Patri maite-maitea, besteren batek ere irakurtzen ditu gure arteko gutun hauek eta ez zaizkio batere gustatzen, antza". Antza, dio, ze katxondoa. ETAren Zutabe batean aipatu zuten Etxeberria, ez loreak jasotzeko gainera. Azala ordurako gogortua zuen, ordea: "Neuk entzunda daukat ETAkoa naizela, troskoa naizela, PNVkoa naizela, anarkista naizela, HBkoa naizela, erosita nagoela". Eta Gara egunkariko zutabea utzi arren, eskainia zigun irakasbidea: "Ez dagoela aske izateaz besteko biderik".
Mugetan eleberriaren iruzkina irakurrita ("gorabehera urrikoa, zurrunegia, konparazioz betea"), zera erantzun zidan: "Bizi banauk, 20 urte barru helduko zieat hik idatzitakoei, eta bi hitz esango, entzun beharko dituanak (bizi bahaiz)". Entzun espero ditudanak. Konplituko baita, seguru, Oteizak Etxeberria berari esan ziona: "Hilda ere ez zaituztet utziko bakean". | news |
argia-d890fedd3955 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/pertsiatik-irunera.html | Pertsiatik Irunera | Jakoba Errekondo | 2017-05-14 00:00:00 | Pertsiatik Irunera
"Mertxika" esaten diogu guk erromatarrek "Pertsiako sagarra" deitzen ziotenari. Prunus persica bere izen zientifikoak "Pertsiako arana" esan nahi du. Mertxikaz gain muxika, melokotoi, tuaxa eta preskua ere deitzen zaio.
Erromatar horiek ekarri omen zuten mertxika geurera. Irungo Oiasson utzi zituzten arrastoen artean topatua da Iberiar penintsulako mertxika hezur zaharrena. Pertsiatik Oiassora.
Ez naiz harritzen. Haren usainik sekula hartu ez duen baten sudurpera mertxika heldu bat eramaten duenak "konkistatu" du, edo irabazi, behintzat, bai. Zenbat usain eta dasta ez dituzte ekarri geurera erromatarrek, zeltek, arabiarrek... Denek irabazi gaituzte, eta denekin irabazi dugu.
Ehun eta hamar osagai bereizi dira mertxikaren usainean. Ehun eta hamar! Zetonak, alkoholak, aldehidoak, polifenolak, terpenoak, esterak... Ehun eta hamar. Gaur dakigunarekin, esan dezakegu ehun eta hamar osagai dituela mertxikaren usainak. Hemendik urte gutxira, beste hainbeste aurkituko dizkiote. Flabonolak, tanino kondentsatuak, azido klorogenikoak, antozianinak... Zer ez du edukiko! Denak osasungarriak. Ez dute, ordea, mertxika guztiek osasuna berdin indartzen. Aspaldikoak dira nekazaritza kimikoan eta nekazaritza ekologikoan ekoizten diren mertxiken arteko aldea ezagutzeko neurketa zientifikoak. Alde ederra dago: besteak beste, ekologikoak askoz ere aberatsagoak dira osagai fenolikoetan. Osagai horiek landarea indartzen dute intsektuei eta onddoen, bakterioen eta birusen infekzioei, baita ere estres mekanikoei aurre egiteko.
Mertxika-txoria, Pyrrhula phyrrula. (Arg.: Mark S. Jobling)
Mertxika-txoriari galdetu beharko diogu. Mertxika-txoria edo gailupa, Pyrrhula pyrrhula . Bere izen zientifikoa grekotik dator, eta "harrak jaten dituena" esan nahi du, baina geurean mertxika-txoria da. Hark bai, mokoka hasi aurretik, ederki bereiziko ditu mertxika kimikoa eta ekologikoa. Usaina nahikoa izango du. Zalantzarik ez duzu izango zein aukeratuko duen, ezta? Eta zeuk, dendan zein hautatzen duzu? | news |
argia-22bfd5d1bba9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/bost-urteko-su-eten-konplikatua.html | Bost urteko su-eten konplikatua | Asier Blas Mendoza | 2017-05-14 00:00:00 | Bost urteko su-eten konplikatua
Artikulu hau idatzi dudan unean oraindik ez da Frantziako hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia izan. Halere, inkesten arabera, Emmanuel Macronek Frantziako presidente berria izan beharko luke. Bruselan pozik egongo dira urteko bigarren match point- a salbatu dutelako. Herbehereetako kasuan bezala, bakar-jokoan tranpak eginez bada ere, europar teknokraten bulegoetan arnasa berreskuratzen laguntzen dien haize ufada bat sentitzen arituko dira orain.
Macron Frantziarako Matteo Renziren bertsio hobetu bat da, nahiz eta alboan alderdirik ez izan, hedabideek eta establishment- ak ondo dopatu dute eta horri esker, gutxienez hauteskundeak irabazita iritsiko da boterera. Macron politikari berri bezala saltzeko egin duten marketinaz harago, orain arteko politikarekin jarraitzeko bide zuzenena ordezkatzen du, muturreko zentrismoa: ekonomian neoliberalismo bortitza finantza munduaren mesedetan eta balore kulturaletan azaleko progresismo kosmetikoa indibidualismoaren zerbitzura, dena europazaletasunez apainduta.
Alderdi biko sistema gaixo dago, lehen itzulian lehen lau hautagaiak %5eko diferentzia tartean egon ziren. Gauzak horrela, hirugarren itzuli papera betetzen duten Asanblea Nazionalerako ekaineko hauteskundeak buruhauste handia izan daitezke Macronentzat. 577 diputatu hautatzen dira izen bakarreko barrutietan
Pozak ez du luze iraungo. Lehenengo itzuliko emaitzen arabera, ezkerretik zein eskumatik euroeszeptikoek eta establishment- aren aurkako hautagaiak direnek botoen %48,41 lortu dute. Horiez gain, François Fillon, Benoît Hamon eta Jean Lassalleren artean %27,58 lortu dute, hirurak establishmentari aurre egin eta egungo Europar Batasuna errealarekin kritiko samar agertu diren hautagaiak. Bestalde, Macronek botere faktikoen babesarekin botoen %24,01 atera du alderdien logikatik aldenduz.
Bruselak mespretxatu duen ezker-eskuin borrokak salbatuko du match point -a, ezkertiarren gehiengo zabal batek ez baitu Marine Le Pen babestuko. Halere, Fronte Nazionaleko hautagaiak aterako duen emaitza pentsa ezina zen orain 15 urte Jean-Marie Le Pen eta Jacques Chirac lehiatu zirenean.
Frantziako hautesleriak FN balioztatu du boterera iristeko. Seguruenik bigarren saiakeran ez du irabaziko, baina hurrengo bost urtetan Parisen eta Bruselan orain arteko politikek jarraitzen badute, litekeena da hirugarren saiakeran FNk ez huts egitea, betiere Frantzia Intsumisoa rekin lehiatzen ez badu, kasu horretan Jean-Luc Mélenchon-en mugimenduak irabazteko aukera gehiago izango lituzke.
Aurtengo sorpresa izan da Frantzia Intsumisoa, hauteskunde kanpainako inkesten arabera egunak aurrera egin ahala hazkunde handiena izan duen aukera politikoa izan da. Europako alderdi progresistei lezioa eman diete. Muzin egin diote ezkerraren nortasun eta aldarrikapen historikoak ezkutatzeari egokitasun politikoaren diskurtsoaren izenean. Beldurrik gabe errebindikazio historikoak berreskuratu eta aldarrikapen berriekin josi dituzte lau haizeetara zabaldu duten programa eraldatzailearekin. Beraz, Macronek ezkerretik eta eskumatik oposizio gogorrak izango ditu.
Alderdi biko sistema gaixo dago, lehen itzulian lehen lau hautagaiak %5eko diferentzia tartean egon ziren. Gauzak horrela, hirugarren itzuli papera betetzen duten Asanblea Nazionalerako ekaineko hauteskundeak buruhauste handia izan daitezke Macronentzat. 577 diputatu hautatzen dira izen bakarreko barrutietan. Lehenengo itzulian inork ez badu ateratzen botoen %50 baino gehiago, %12,5 lortu duten hautagaiek parte hartu dezakete bigarren itzulian. Horrek esanahi du, Alderdi Sozialistaren pasokizazioa berresten bada, bigarren itzulian barruti askotan lau hautagaik lehiatu ahal izango dutela. Boto sakabanaketa horrek V. Errepublikako zatikatze parlamentario handiena duen Asanblea Nazionala ekar lezake. Testuinguru horretan, osatuko den gobernua oso ahula izatea espero daiteke. | news |
argia-93629070cd7a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/hiri-bateko-paisaiak.html | Hiri bateko paisaiak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2017-05-14 00:00:00 | Hiri bateko paisaiak
"13 testu, 13 kantu, hiri bat". Ongi definitzen du The Icer Company talde nafarrak Belurbe lana. Kontzeptu baten inguruan osatuta dago. Asmatutako hiri bat da Belurbe. "Belurberi buruz hitz egitea gure inguruari buruz hitz egitea da", diote. Belurbe edozein herri edo hiri izan daiteke, eta hango eguneroko kontuak dituzte hizpide. Pertsonen barruko paisaiak, sentipenak eta kezkak.
Hiri bateko kaleetan baino errazago galtzen edo nahasten baikara gure buruko eta bihotzeko minetan eta jendearen artekoetan: "Eman diguten eginbeharren zerrenda luze honek ez digu uzten inolaz ere gurea sentitzen" ( Antagonista ), "Zein da zure esan gabeko heldulekua, zein da zure elefanteen hilerria" ( Elefanteen hilerria ), "Aurkituko dut, elkar mintze honetan ulertuko ez den argi izpi bat" ( Mapa ), "Banoa isilen oreka hauskorretik aske izatera, sentitzera" ( Ihesdun ), "Lurra ukitu gabe, agertu zinen, lurra ukitu gabe ibiltzen zara" ( Estatua ), "Zentzurik gabeko aurrera egite honek lapurtzen digu denbora" ( Erlauntzan ), "Negarrik ez eta oihurik gabe zilborretan ez dago erantzunik" ( Eztanda, kea, aterraldia… ), "Orain ta beti sarturik gaude bezpera batean" ( Gotorlekura ), "Nor ausartzen da benetan bihotzaren kontraesanetan erortzen" ( Amildegian ).
Eneko Zabala, Josemi Sanchez, Tristan Crowley, Izai Bujanda, Amagic Jhonson, Goiatz Labandibar, Miren Amuriza, Alejando Pedregosa, Jurgi Ekiza, Xuban Zubiria, Gotzon Barandiaran, Asier Triguero eta Xabi Bandinik idatzitako testuetatik abiatuta sortu dituzte kantuen hitzak; kantuak azken batean, hitzak baitira kantuen erroak.
Pop-rock kutsuko kantuak dira, melodia politez eta atseginez ongi jantziak. Iker Zia (ahotsa), Arkaitz Ezkai (bateria), Ruben Matilla (gitarrak) eta Xabier Valverde (baxua) taldekideak Haritz Harreguyrekin (grabazioa), Juan Hidalgorekin (masterizazioa) eta Xabi Angosekin (diseinua) aritu dira.
Belurbe The Icer Company taldearen bigarren lana da, Ur abisalen espedizioa (Gor, 2013) haien lehen lanaren jarraipen ederra. Diskoak behin baino gehiagotan entzutea merezi du. | news |
argia-fb41b027739c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/zeini-ematen-dio-boza-langile-klaseak.html | Zeini ematen dio boza langile klaseak? | Juan Mari Arregi | 2017-05-08 00:00:00 | Zeini ematen dio boza langile klaseak?
"Zergatik irabazi dute eskuinak eta ultraeskuinak Frantzian? Hori ere garbi dago. Frantziar ezkerrak, europarra bezain zatitua, bide eman du azken urteetan egoera hori gerta dadin".
Frantziako Estatuko hauteskunde emaitzek irakurketa garbia dute. Bozen %66rekin eskuinak irabazi du, kapitalak eta finantzek. Ultraeskuinak, berriz, %34 lortu du eta aurrerantz doa langileen eta nekazal guneetako herritarren bozak irabaziz. Ezkerra, desagerturik dago. Eta langile klasea eta herri sektoreak dira kaltetuenak. Ipar Euskal Herrian eskuinak irabazi badu ere, nabarmentzekoa da ezkertiar eta abertzaleak etengabe ari direla gorantz egiten. Seguruenik zerikusiren bat izango du ETAren desarmatzeak eta haren alde lan egin duten "bakearen artisauen" konpromisoak.
Zergatik irabazi dute eskuinak eta ultraeskuinak Frantzian? Hori ere garbi dago. Frantziar ezkerrak, europarra bezain zatitua, bide eman du azken urteetan egoera hori gerta dadin. Macronen eskuinak zentrotik lortu ditu bozak, kapitalaren feudoa, eta Le Penen beldur diren zenbait ezkertiarren babesa ere lortu du. Le Pen harro azaldu da langile mundua "ordezkatzeagatik", horretarako politika xenofobo eta insolidarioak defendatzen baditu ere.
Frantziako ezkerrak nagusiki sozialdemokrazian kokatzen du bere burua eta ezgauza izan da eskuinarengandik bereizteko arlo sozioekonomikoan. Bere politika "sozialdemokratek" kapitalaren ondorioak makillatzeko baino ez dute balio izan: langabezia, prekarietatea eta desberdintasuna. Zurztasun politiko horren aurrean, zeini emango diote ba botoa langile klaseak eta herri sektoreek? Bistan da ez dutela sozialdemokraten alde egin eta batzuek Le Penen diskurtso "salbatzaile", xenofobo eta antieuroparrean bilatu dutela aterpe; beste asko ordea abstenitu egin dira. Hollande eta enparauen "sozialdemokraziak" amildegira jaurti ditu, eta modu horretan jarri ditu Eliseoan Macron bankaria eta oposizioan Le Pen. | news |
argia-1ff094a4496b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2553/jakoba-errekondoren-1000-artikulua-eta-bizi-baratzea-buletina.html | Ospatzeko bi arrazoi | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2017-05-14 00:00:00 | Ospatzeko bi arrazoi
Zu ere Jakobita erradikal horietakoa bazara, irakurle, goitik behera irakurria izango duzu dagoeneko guruaren aste honetakoa, ziur nago. Baina ba al zenekien Jakoba Errekondoren ARGIAko 1.000. artikulua irakurri berri duzula? 1.000 bai, erraz esaten da. Baina ez hori bakarrik, landareen jakintza sarera eramateko bizibaratzea.eus webgunearen asteroko buletina ere martxan jarri berri dugu.
Hogei urte daramatza Errekondok ARGIAn landareen inguruko saila osatzen. Ez dira sail asko izango hainbeste urtean astekarian beren txokoa mantendu dutenak. Goenkaleren markak hautsi behar ote ditu ba? Honek baino jakintza gehixeago zabaldu du, ordea, paisajistak. Bete ditu orriak landareen historiarekin, landareen istorioekin, etnobotanikarekin, gure hizkuntza urte luzez aberastu duten hitzekin, esaerekin, biraoekin, gaitz eta erremedioekin… Eta zenbat irakurleren galderak erantzun ote ditu? Zorionak Jakoba eta jarraitu beste hainbeste urtean ARGIA loratzen.
Kimu berriak ere badatoz gainera, eta probestu nahi dugu Bizi Baratzea astero buletinari ongi-etorria emateko. Hilabete batzuk dira bizibaratzea.eus webgunea plazaratu zela, azken hogei urteotako Jakobaren lana eta landareen inguruko hainbat arlotako jakintzak biltzen dituena; eta orain irakurleari erraztu egin nahi diogu sareko informazio hau guztia asteroko dosi txiki bezain mamitsuan. Jakoba Errekondoren eta Garazi Zabaletaren ARGIAko azken artikuluak, asteko lanak, Euskal Herriko agenda osatua, hiztegiko hitza, liburutegiko gomendioa eta askoz gehiagok osatzen dute buletina. Dagoeneko asko dira lehenengo pilulatxoa posta elektronikoz jaso dutenak, baina datozenak jasotzeko ere ez da berandu. Webgunean bertan sartuta pauso bakar batean egin dezakezu buletina jasotzeko eskaera, edo nahiago baduzu [email protected] helbidera idatzita ere nahikoa da. | news |
argia-dcb5251bca1d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/de-miguel-eta-gezurraren-hanka-motzak.html | De Miguel eta gezurraren hanka motzak | Juan Mari Arregi | 2018-10-28 00:00:00 | De Miguel eta gezurraren hanka motzak
De Miguel izenez ezagutzen den auziaren epaiketan 26 lagun daude auzipetuta eta horietako askok EAJrekin harremana daukate –burukide ohiak, zinegotzi ohiak, Ibarretxeren garaian Eusko Jaurlaritzan ardura politikoak izan zituztenak…–. Denen artean nabarmentzen da Alfredo de Miguel, Arabako EAJko buruzagi eta foru diputatu izandakoa. Kontratu publikoak esleitzearren komisio ilegalak jasotzen zituen sare ustel organizatua antolatzea leporatzen diete. Fiskalak denera 450 urteko kartzela zigorra eskatu du, De Miguelentzat 54 urte eta Aitor Telleria eta Koldo Ochandianorentzat 32 urte.
De Miguelek bere kontrako akusazioak ukatu ditzake, baina susmo oso zentzuzkoak daude Arabako EAJ zipriztindu duen sare hori existitu dela esateko. Ez da kasualitatea epaiketa denbora batez etenda egotea akusatuekin nolabaiteko akordioa bilatu nahian. Fiskalaren arabera ez dago "akordiorik", baina bai "jaunen arteko paktua" (sic) akusatuen zati esanguratsu batekin; "komisio ilegalak jasotzen zituen sare antolatu bat bazegoela onartzeko prest" leudeke euren kondena murriztearen truke.
De Miguelek, EAJrekin lotura estuena izan duen akusatu nagusiak, errugabea dela dio eta haren kontrako frogak manipulaturik daudela. Baina testuingurua ikusita ez dago batere egoera onean. Logikoa da akusazio horien aurrean (dirua zuritzea, eroskeria, kontratazioetan iruzur egitea, bortxa erabiltzea, influentzia trafikoa, malbertsazioa…) eta kondena handia datorkiola ikusirik De Miguelek edozer egitea, baita gezurra esan ere. Epaileek erabaki beharko dute benetan sare ustel organizatu bat egon ote zen, eta akusatuak gezurretan ari ote diren. EAJ zipriztindu ala ez, amaieraraino joatea litzateke justuena eta zentzuzkoena, baita jeltzaleentzat beraientzat ere. | news |
argia-ab88aa30374b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/hizkuntza-ohiturak-aldatzeko-ekimena.html | 800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan | Igor Agirre | 2018-10-28 00:00:00 | 800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan
Ezohiko egitasmoa dute martxan Hernanin otsailetik: urte amaierara bitarte, orain arte dituzten hizkuntza ohiturak irauli eta harremanak euskarara ekartzeko ahaleginean ari dira ehunka herritar. Hilero, 100 norbanako gehitzen dira ekimenera eta dagoeneko 800 herritarrek baino gehiagok heldu diote desafioari.
Badira bost urte Euskara Ari Du ekimena martxan jarri zutela Hernanin. Euskararen erabilera bultzatzeko asmoz sortu zuten eta 2016an indar-proba deitu zioten hilabete eta erdiko egitasmoa jarri zuen martxan taldeak. Astebeteko txandatan guztira 1.800 pertsonak hartu zuten parte euskarari eustea xede zuen ekimen hartan. 2016. urteko ekintza hura, ordea, pizgarria izan zen hernaniar askorentzat eta hasitako bide hari jarraipena eman behar zitzaiola ikusi zuten hainbatek.
Herritar talde batek esperientzia hari nolako jarraipena eman pentsatzeari ekin zion. 2017an zehar egosi zuten egitasmoa eta 2018ko otsailaren 3an jarri dute martxan, Baietz Hernanik! izenpean. Abenduaren 23a bitarte, gutxienez hilabeteko iraupena izango duen erronka pertsonala hautatzen dute norbanakoek, euren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin. Hilabetero 100 lagun berri erronkara biltzeko helburua jarri dute egitasmoan eta momentuz, hasierako helburua betetzen ari dira: otsailetik urrira, 800dik gora erronkalari bildu ditu Baietz Hernanik! . Ekimenaren antolakuntzan diharduen Malores Etxeberriaren iritziz erritmo onean ari dira erronkalariak lortzen: "Helburua zen hilabeteko 100 parte-hartzaile berri lortzea eta helburu hori goitik jarri genuen, lortzea ikaragarria izango zela pentsatuz".
Erronkalari bakoitzak helburu pertsonal bat hautatzen du izena ematerako garaian: Hizkuntza ohitura pertsona zehatz batekin aldatzea izan daiteke asmoa edo xede talde batekin; orain arteko hizkuntza ohitura euskarara ekartzea da hautatu beharreko erronka. Aldi berean, euskaraz hitz egiten ez dakitenek ere parte hartu dezakete egitasmoan, helburu gisa bigarren batek berari euskaraz egiteko eskatzea jarriz. Momentuz, egitasmoko parte-hartzaileen %89 da euskaraz hitz egiteko gai eta %11k euskara ulertzen du baina zailtasunak ditu hitz egiterakoan. Hilabete pasa ostean, jarraipen inkesta labur bat bidaltzen diete erronkalariei Euskara Ari Du elkartekoek eta bertan, erronkarekin jarraitu edo erronkaz aldatu nahi duten aukeratu behar dute.
Parte-hartzaileek, beraz, helburu espezifiko bat hautatzen dute ekimenean parte hartzea erabakitzen dutenean. Helburu hori izan daiteke eguneko 24 orduetan eta edonorekin euskarari eustea, edo pertsona jakin batekin duen hizkuntza ohitura aldatzea, bakoitzak berak aukeratutako erritmoan. Erronkari ekin diotenen gehienek, %72,7k, hizkuntza ohitura pertsona talde edo kolektibo batekin aldatzea hautatu du, pertsona konkretu bat aukeratu beharrean. Orain arteko parte-hartzaileek erronkak zein eremutan hartu dituzten aztertzean, ikusi daiteke %29,3k harreman posible guztietan euskaraz egitearen aldeko hautua egin duela. Horren ondoren, lankide, bikotekide, lagunarte eta senitartekoak izan dira gehien errepikatutako eremuak, hurrenez hurren.
Argazkian ederki ikusten den moduan egun hartan baziren Hernanin 703 erronkalari. Argazkia: Euskara Ari Du ekimena.
"Ohiturak aldatzea ez da erraza"
Parte-hartzaileei aholku saio bat eskaintzen diete Euskara Ari Du-koek erronkari ekin aurretik. Bertan, zein zailtasun topatu ditzaketen aztertzen dute eta gomendioak ematen dizkiete. Hilabetero, jarraipen saioak ere egiten dituzte. Saio irekiak izaten dira azken hauek eta oso arrakastatsuak ez zirela ikusita, bertaratzeko deia espresuki erronkan ari diren hogei laguni zuzenean luzatzea erabaki zuten.
Jendearen balorazioekin eta iritziekin oso gustura daude elkartean. Hala ere, ariketa parte-hartzaile guztientzat dela zaila azpimarratu nahi dute: "Denentzat izaten da zaila erronka. Ia denek esaten digute hasieran kosta egiten dela eta halaxe da, ez da tontakeria bat; ohitura bat aldatzea ez da erraza, baina lortu daiteke" azpimarratu du Malores Etxeberriak. "Gehienek esan digute oso kontziente egin direla gaiaz, horretarako ere balio du egitasmo honek" gehitu du. Parte-hartzaileek hizkuntza ohiturak aldatzerakoan zailtasun handienak gertukoen dituzten pertsonekin dituztela ikusten du elkarteko dinamizatzaile Leire Otxotorenak: "Familiako kideekin eta bikotekidearekin zailagoa izaten dela esan digute. Badira lortu dutenak, baina lortu ez dutenak ere badaude".
Argazkia: Euskara Ari Du ekimena.
Ekimeneko erronkalarien artean badira hernaniarrak ez direnak. Leire Otxotorenak egitasmoak beste herrietako jendea ere ukitu duela dio: "Herriko enpresetara ere zabaldu dugu ekimena eta Hernanin lana egiten duten kanpoko jendea ere animatu da erronkalari izatera". Izan ere, euskalgintzak begiz jota duen eremu garrantzitsuetako bat da lan mundua eta hor ere bere bidea egitea lortu du Baietz Hernanik! . Ekimena finantzatzeko laguntza bila jo dute hainbat enpresatara eta egitasmoarekiko interesa piztu zaie hainbati. "Enpresek ikusi dute beraientzat baliagarri izan daitekeela egitasmoa eta irailetik aurrera buru-belarri sartu dira, langileak lan eremuan hizkuntza ohiturak aldatzera animatuz" azaldu du Etxeberriak.
Egindakoari jarraipena ematearen beharra
2018ko egitasmokoak erronka pertsonalak izan badira ere, kolektiboki jende asko ideia baten baitan mugitzeak ere bere garrantzia duela uste du Malores Etxeberriak: "Desafio indibidualak izateak inurri lana ematen dio egitasmoari, egunerokotasunean egin beharra. Kolektiboak, aldi berean, babesa ematen du, erronkalaria bakarrik dagoela ez sentiarazteko balio du".
Horregatik, ekimena bestelako ekitaldiekin ere girotu eta babestu nahi izan dute orain arte. Kirola, generoa zein beste hainbat arlo euskararekin lotzeko hitzaldiak antolatu dituzte eta urte amaiera bitarte badituzte hainbat hitzordu finkatuta. Azarorako mintzodromoa antolatu dute Udal Euskaltegiarekin batera eta abendurako, ekimena amaitzeko ekitaldia egingo dute. Aurrera begira, Euskaraz Ari Du elkarteak ere badu erronka handi bat Leire Otxotorenaren esanetan: "Gure oraingo erronka, talde bezala, abendutik aurrera zer egin pentsatzea da. Honi jarraipena nola eman pentsatu behar dugu". 2016ko egitasmoak sortutako olatuari emandako erantzuna izan da aurtengoa eta aurtengoak, dagoeneko, sortu du beste bat. Ikusteke dago zein izango den hurrengo desafioa. | news |
argia-6c5fd35927c0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/txomin-poveda.html | "Mugimendu alternatiboek aterabide praktikoak ematen dituzte, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz" | Mikel Asurmendi | 2018-10-28 00:00:00 | "Mugimendu alternatiboek aterabide praktikoak ematen dituzte, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz"
Urruña, 1992. Soziologia, geografia eta kultur animazio arloko ikasketak egina da. Ipar Euskal Herriko praktika alternatiboen militantziari buruzko doktorego-tesia egiten ari da Paueko Unibertsitatean: "Lurralde honetan landu diren gizarte praktiken bidez, XXI. mendean eraldaketa soziala gauzatzeko modua aztertzen ari naiz. Planteamendu nahiko orokorra eta aldi berean koherentea egin nahi dut, xumea egin ere ".
"Paradigma politiko berri baten aurrean gaude", diozu zure tesian. Non zehazki?
Paradigma politikoaren aldaketa gertatzen ari da mundu osoan, eta bereziki ipar-mendebaldeko herrialde garatuetan. Orain gutxi arte, eraldaketa sozialerako erabiltzen ziren kanal edo eredu historikoak agortzen joan dira, eredu sozial horiek ezkerrekoak nahiz eskuinekoak izanik ere.
Zein da eraldaketarako bidea, egun?
Ez dago bide argirik. Garai batean bazegoen, eredu apurtzailea. Ardatz antikolonialista, ezkerreko edo abertzalearen jokamoldea aldaketarako ekimena hauslea zen, bat-batekoa. Baina, iraultzaren irudimena agortu da arrazoi ezberdinengatik. Hemen, adibidez, ETAren ondoko garaia bizi dugu.
Impasse garaian gaude.
Bai. Eta ekiteko eredu berria ez da bat-batean emango, kolpez, pixkanaka etorri da. Lehen aipatu eredua [ezkerrekoa] agortu da, eta bestea [eskuinekoa], erreformista, parlamentarioa, instituzionala, sozial-demokrata deitzen duguna, hori ere blokeatuta dago. Besteak beste, eraldaketa instituzionalak blokeatuta daude alderdien joko politikoengatik, horren adibidea dugu Katalunian gertatua. Ez da aski instituzioetan irabazle izatea zure borroka aitzina eraman ahal izateko. Hego Euskal Herrian ere, ezker abertzaleak sekulako emaitza elektoralak izan zituen [Gipuzkoan, EH Bildu], baina nola eragin zuen eraldaketak gauzatzeko orduan? Eraldaketa sakonak lortzeko ez da nahikoa instituzioetako "boterea" hartzea. Hor badago zer gogoetatu.
"Ekintza kolektibo konkretuak ari dira xerkatzen aldarrikapenei aterabide zehatzak emateko. Xumeak baina errealak dira, eta sekulako arrakasta lortzen ari dira"
Ilusio galduen garaia bizi dugu. Nola urratu bide berriak?
Bada, bide eta ekintza askotatik abiatuta. Historiaren bukaera aspaldi aipatu zen, orain jendeak ilusioa galdua ote duen diote beste batzuek. Ideologiaren bukaeran gaudela sinetsarazi nahi digute. Margaret Thatcherrek "The news nom alternatives / Gure ereduaren alternatibarik ez dago" , erran zuen. Nire tesiaren izenburuaren hasierak "The news alternatives" dio. Ikusten baitut, azken hamar urteetan aukera berriak garatzen ari direla munduan zehar. Ekintza kolektibo konkretuak ari dira xerkatzen aldarrikapenei aterabide zehatzak emateko. Xumeak baina errealak dira, eta sekulako arrakasta lortzen ari dira. Villes en transition sarea eta mugimendua horren lekukoa. Euskal Herrian eta bereziki Iparraldean dagoen kontzentrazioa deigarria da: Seaska, Euskal Irratiak, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko moneta eta abar.
Zer erakusten dute berauek?
Gauza asko. Hasteko, militantismoa ez dela hilda. Oso inportantea da hori. Jendeak engaiatzeko prest segitzen du, xumeki, baina eraldaketa soziala beste bide batez egin daitekeela sinesten du.
Baina hori, agian, burbuila batean bizi den jende baten inpresioa da. Gehiengoa eredu kapitalista eta kontsumistaren arabera bizi da. Hemen gehiengoak eskuin bozkatzen du. Paradigmaren barruan, paradoxak daude.
Ados. Diagnosi argi batek "jende gehiena eroso bizi da edota baldintza oso txarretan lan egin arren, merkataritza saltoki nagusietan kontsumitzen du". Alabaina, Nola egiten duzu egoera hori eraldatzeko? Erantzunak edo moldeak ez dira hamaika. Edo segitzen dugu "gau handiaren ametsa" lantzen, edo itxaron dugu bat-bateko desblokeo bat, baita hauteskundeetan irabazteko hau hori eta hura ere egiten segitzen dugu, zer irabazteko ez dakigula.
Hego Euskal Herrian udal hauteskundeak izanen dira laster.
Bada, hauteskunde gau horretan galtzen baduzu, ez duzu galtzen gau horretan soilik, galtzen duzu bi hauteskundeen arteko egun guztietan. Merkataritza-gune erraldoiak eraikitzen segituko dute, eta abar. Aldiz, bi hauteskundeen artean praktika konkretuak sortzen badituzu, non jendea ez den behartua saltoki handietara joaten, hala nola, beste moneta bat erabiliz [Eusko], non beste elikagaiak kontsumitzen diren (Idoki)... Ez dituzu hauteskundeak irabazi, baina egunero zure alternatibak lantzen ari zara. Iparraldean horretan ari gara, Euskal Herria osoari begira ari gara, alternatiba konkretuak eraikiz. Gainera, dinamika horrek gure aukera politikoen boz emaitzak handitzen laguntzen du. Izan ere, zertarako balio dute herriko bozen emaitzek, ez baduzu elkarte kulturalik, ez baduzu ikastolarik, gizarte sarerik ez baduzu eraikitzen?
Euskal Elkargoa sortu da. Nola uztartu praktika horiek eta instituzio berriaren lana?
Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremana ongi ulertu behar da. Nahi baduzu borroka bat irabazi, bide eta molde ezberdinak landu eta uztartu behar dira. Akatsa litzateke pentsatzea kanal edo modu bakar bat erabili behar dela. Ezin dugu arrautza guztiak saski berean jarri, saskia erortzen bada, denak galtzen baitituzu. Iparraldeko instituzioa [Euskal Elkargoa] izanen da herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanen bitartez eraikitzen bada. Bere indarra hori da. Instituziogintza prozesu batean sartu gara, instituzio horren mugak izugarriak dira, eskuduntza oso gutxi dauka, zinez, baina hori guztietan izaten da. Estatuek berek hori erabaki zuten aspaldi: aldagai ekonomikoa dela eta, instituzio guztiak mugatuta daude. Eskuduntzak eremu edo konpainia pribatuen esku utzi dituzte estatuek. Nork kudeatzen du ekonomia? Nork antolatzen ditu munduko gerlak?
Beraz?
Alegia, Euskal Elkargoa edo Euskal Herrian dauden tokiko beste instituzioek, ezin dute IKEA muntatzea galarazi. Edo tokiko egurra baliatuz eta landuz, hemen saltokia muntatzen lagundu. Ezein instituziok ezin du hori egin, ezta instituzioa gobernatzen ari den aukera politikoa zurea bada ere. Nork egin dezake? Bada, gaur gaurkoz, mugimendu alternatiboen praktikek baino ezin dute egin. Egungo kultura politikoaren eraginez barneratu dugun ideia okerra hau da: eraldaketa soziala bideratzeko, botere publikoetatik pasa dugu, bai ala bai! Eredu politiko hauslearen bitartez edo eredu erreformista sozialdemokrataren bitartez. Baina eredu alternatiboen laguntzaz botere hartu ondoren sistema eraldatuko dugun ustea badugu, oker gaude. Aldiz, botere gunetik pasa gabe, uhin alternatibo militanteek sistema eralda dezaketela erakutsi behar dugu. Eta erakusten ari gara jada. Eusko moneta har dezakegu adibidetzat. Nork du monetaren konpetentzia? Estatuek berek ez dute ere. Europar Batasuneko banku zentralak dauka. Bada, hemen herritar talde batek hartu du bere gain moneta herriko baten erabilera. Egin eta kito.
Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, baina Euskal Elkargoko presidente Jean-René Etchegarayk ez dauka euskara ikasi beharrik.
Neri berdin zait Etchegarayk euskara ez ikastea, aldiz, axola zait biztanleriak ikastea eta erabiltzea, biak ez dira berdin. Baditugu fijazio anitz. Ofizialtasuna, horietako bat da, obsesio bat. Ofizialtasunak zer ekarriko du? Ofizialtasuna eta euskararen egiazko praktikaren artean hautatu behar badut, ofiziala izan gabe, praktikaren aldeko ekintzak bultzatuko ditut. Demagun, ofizialtasuna aitortzen diotela euskarari, baina egiazko hizkuntza politika garatzeko zero euro dagoela. Ofizialtasuna lortu dugu, eta edukirik, praxirik eta hiztunik gabe bizi gara.
ETAren ondoko garaian gaude. Idealizazioen eta ilusio zapuztuen ondorenean. Iparraldekoa eta Hegoaldeko parametroak ere ez dira berak.
Egoera ezberdinak dira, argi eta garbi. Iparraldean beti izan dugu eztabaida hori: ea estrategiak eraman behar ditugun hemen egokituta edo Euskal Herri osorako? Testuinguru ezberdinak dira biak, baina Hegoaldean ere hala daude. Olite [Erriberri] eta Mutrikun estrategia berdina eraman ahal duzu? Praktiken aukerak ongi ulertu behar dira lurraldearen kontestuaren eta momentuaren arabera. Duela 40 urteko praktikak eta testuinguruak ez dira gaurkoak, egokitu behar dira ahalik eta hobekien.
Eta horrek ez du kentzen lurralde osoan ekintza bateratuak garatzea. Udalbiltza hor dago: instituzio hori sekulako aukera da, egungo alternatibetako bat da. Udalbiltza sortu zen garaian, kokapena eta funtzioak izan zituen, eta gaur egun, sekulako tokia hartu lezake estrategia konfederala aitzina eramateko. Alternatiben Herriaren lema hauxe da: "Ematen ez badigute, guk sortzen dugu". Horra hor herriak sortua den instituzio bat, tresna bat da eta baliatu behar dugu.
"Udalbiltza herriak sortua da, tresna bat da eta baliatu behar dugu"
Iraganeko hainbat jarduerak beren zama utzi du. Presoen gaia hor dago. Ezker abertzalea garai berri batera egokitzen ari da. Nola lagundu dezakete mugimendu alternatiboek? Autokritika garaia ere bada.
Presoen gaia zaila da. Parisek eta Madrilek baitute hori konpontzeko giltza. Horren inguruan ezin duzu alternatiba bat eraiki. Kritikak badaude, alta, ez dira mugimendu alternatiboari zuzenduak, izatekotan izan dira ezker abertzaleari eginak. Zentzu horretan, mugimendu alternatiboak aterabide praktikoak ematen ditu, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz. Dialektika horretan lortzen badugu bi polo horiek ez ikusten dikotomia bezala –edo erradikaltasun osoa edo pragmatismo osoa–, bien arteko oreka bat atzematen badugu, aurrera egiteko bidea aurkituko dugu.
Nola ikusten duzu alderdi politiken jarduera Hegoaldean nahiz Iparraldean?
Hegoaldean indar politikoen arteko harremanik ia ez dago. Iparraldean aldiz, elkar entzuten dute. Hemen espektro politiko osoaren arteko akordio batzuk daude, Fronte Nazionala (FN) eta Alderdi Komunista (PSF) kenduta. Akordioak daude euskara, euskal gatazka eta instituziogintzaren inguruan. Hegoaldean asko aipatzen da Gramsci pentsalaria, baita ezker abertzaleak hegemonia politiko lortzearen beharra aipatu ere. Galdera da: hegemonia hori lortuta ere, nola gauzatu aipatu puntu horien inguruko akordioak?
Zer iradoki dizu Kataluniako procés delakoak?
Katalunian gertatua oso adierazgarria da: burujabetzaren aldeko katalanek Espainiako zelaian eta haren arauen arabera jokatu dute, eta une batez, jokoa puntu bateraino iritsi denean, Espainiaren oztopo izugarria aurkitu dute. Espainiako zilegitasun demokratiko eza agerrarazi dute, prozesu demokratikoa eta indarkeriarik gabekoa eramanda ere. Ekintza masiboak eta baketsuak izan dira. Europan ez da egundo halako mobilizaziorik ikusi –lurraldearen tamainaren araberakoak, alegia–. Alta, bortxaz geldiarazi dituzte. Euskal herritarrok irakaspen zehatzak hartu behar ditugu prozesu horretatik.
Hala nola…
EAJ eta EH Bilduk hango politikariek hartu duten bidea barneratu eta baloratu behar dute. Prest al dira haiek joan diren punturaino joateko? Halaber, prozesu katalanak pentsarazi behar digu, zer bide landu behar dugun, horrelako egoera batera iristen bagara.
Hasteko, nola iritsi Katalunian eman den antzeko egoera batera? Gauzatu daiteke euskal prozesu burujabea?
Hori da galdera. Nola iritsi? Eta iritsi ondoren, nola ekin? Nire ustez, gauzatu daiteke. Baina horretarako garrantzitsua da gure kultura militantea aldatzea. Zergatik? Garaiak aldatu direlako, potentzialitateak eta hauek lantzeko moduak ere aldatu direlako. Kultura politikoan aldaketa eman behar da indar progresista guztietan. Lehenik ongi aztertu behar dugu lurralde eta kontestu bakoitza, horietako bakoitzak duen potentzialtasuna ekinbide askotarikoen araberako osagarritasuna lortzeko. Hori da molde bakarra. Errezeta magikorik ez dago. Irabazteko molde bakarra, aritzeko molde anitz daudela ulertzea eta onartzea da. | news |
argia-5fc08ad8decc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/errezil-sagarra-zabaltzen-emakume-baserritarrak-motor.html | Errezil sagarra zabaltzen emakume baserritarrak motor | Garazi Zabaleta | 2018-10-28 00:00:00 | Errezil sagarra zabaltzen emakume baserritarrak motor
Gipuzkoako herriaren izena jasotzen duen sagar barietate ezaguna da Errezil sagarra edo Ibarbia sagarra. Duela 30 urte inguru, Errezilgo hainbat emakume elkartu eta sagarrari aterabidea emateko aukera berrien bila hasi ziren lanean. Egun Errezilgo Azoka den proiektuaren lehen pausoak izan ziren: "Jendea asko mugitzen zen inguruko azoketara sagarra saltzera, eta pentsatzen jarri ginen ea zer egin genezakeen jendea sagarra erostera hona bertaratzeko eta sagarrarekin egindako produktuak salmentan ateratzeko", dio Jone Irulegi Amenabar proiektuaren sortzaileetako batek.
Transformazio gunea eta denda
Errezilgo Udalak utzitako lokalean sagarrak saltzeari ekin zioten hasieran proiektua abiatu zuten zazpi emakumeek. Sagarra bere horretan saltzeaz gain, bakoitzak norbere etxean egiten zituen sagar dultze, marmelada, konpota eta bestelako produktuak ere saltzen zituzten. Duela hogeita bost urte inguru, ordea, jauzi garrantzitsua eman zuen proiektuak: Udalarekin elkarlanean transformazio gunea martxan jarri eta ordu arte bakoitzak bere baserrian egiten zuena elkarrekin lantzen hasi ziren. "Espazio horretan egiten dugu dena: elaborazio guztiak, etiketatzeak… eta hortik ateratzen dira produktuak Errezilgo Azoka markarekin", dio Irulegik.
Hasierako eskaintza Errezil sagarrarekin egindako produktuena izan bazen ere, segituan ohartu ziren gauza gehiago bazirela herrian eskaintzeko. "Fruitu ezberdinak ekoizten dira, udare eta aranak adibidez, eta horiekin ere marmeladak egiten hasi ginen". Egun, askotariko produktuak daude Errezilgo Azoka barruan: garaiko babarruna, intxaurra, hurra, gazta, baserriko ogia… Eraldaketa gunean bertan duten dendan nahiz inguruko azoketan saltzen dituzte produktuok, zuzeneko salmentan eta bitartekaririk gabe.
Errezil Sagarraren Astea
Ekoizpenean ezezik, Errezil sagarraren zabalpenean ere jarduten dute azokako emakume baserritarrek. Izan ere, abenduko lehen igandean, urtero, Errezil sagarraren azoka eguna antolatzen dute. Azken urteetan, Errezil Sagarraren Elkartearekin batera aste osora zabaldu dute egitaraua: hitzaldiak, dastaketak, pintxo potea eta azoka izan zituzten iaz, esaterako.
Sentsibilizazio eta hedapenari begira, eraldaketa gunean bisitak eta ikastaro txikiak ere egiten dituztela azaltzen du Irulegik. "Ekoizpenekin gure soldatatxoa etxera eramateaz gain, Errezil sagarra zer den, zertarako balio duen eta zein garrantzitsua den jendeari erakusten saiatzen gara", dio. Barrez eta erdi broman gehitu du: "Ia hogeita hamar urteren ondoren elkarrekin lanean jarraitzea izanen da zerbait ongi egin izanaren seinale, ezta?". | news |
argia-7aa95d32062f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/laranja-mekanikoa-euskaraz.html | Gaizki interpretatutako nobela baten historia | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2018-10-28 00:00:00 | Gaizki interpretatutako nobela baten historia
Meettok argitaletxeak laster kaleratuko du Anthony Burgess idazlearen A Clockwork Orange (1962) nobela euskaraz.
XX. mendeko klasikoa itzuli du Ion Olano Carlosek eta, bide batez, liburua ulertzeko gako ugari eman digu. Stanley Kubrick-en filmari esker ezaguna ezin zen istorioaren mamia ez da oso ondo interpretatua izan. Lagunduko al du argitalpen honek gure artean behintzat planteatzen dituen debateetan sakontzen?
Grabagailua martxan jarri denerako Ion Olano Carlos itzultzaileak zenbait material atera ditu elkarrizketa egiten ari garen terrazako mahaira. Laranja mekanikoa inventarium: A Clockwork Orange -ren bost edizio –jatorrizkoa, ingelesez; eta La naranja mecánica , L'Orange mécanique , Arancia meccanica eta La taronja mecànica , gaztelaniazko, frantsesezko, italierazko eta katalanezko itzulpenak–; Stanley Kubrickek nobelatik abiatuta egin zuen pelikularen DVDa; itzultzaileak berak egindako poster bat, zeinak irudikatzen dituen liburuan gakoak diren gaiak; eta euskal bertsioaren zirriborro batzuk, uztaidun koadernoetan. Donostiako Kaxilda liburu dendaren kanpoan erakutsi digun ekipaje horrekin egin du Olanok hamar urte baino gehiago iraun duen itzulpen-bidaia, 2018an burutu duena, aurki aurkeztuko dena. Anthony Burgess idazlearen libururik ezagunena, azkenik, euskaraz.
Gaztelaniazko edizio bat irakurri eta berehala sortu zitzaion gogoa Olanori liburu hori euskaraz irakurtzeko; eta 2007. urtearen inguruan, berak ekin zion tradukzioari. "Lehenengo itzuli nuen hiztegia, iruditzen zitzaidan nadsat hizkera dela liburuaren oinarria", azaldu du. Burgessek bere pertsonaientzat espresuki sorturiko jerga da, hizkuntza eslaviarren kutsua duena –errusierarena batez ere–, baita ijitoen hizkerako elementuak ere, ingelesarekin nahastuta. Nobela euskaratzeko konplikazio funtsezko bat: existitzen ez den hizkuntza bat itzuli beharra. "Buru-garbiketa da Laranja mekanikoa -ren gai potoloetako bat eta liburuak hasieratik hori eragiten du: istorioan aurrera egin nahi baduzu, derrigorrez ohitu behar duzu hizkera horretara".
Stanley Kubrick-ek ez zuen liburuko azken kapitulua sartu zinemarako egin zuen egokitzapenean eta horrek desitxuratu egin zuen Burgessek eman nahi izan zuen mezua
Mexikar batek egina zen eskuetan izan zuen lehen bertsioa, eta Olanok uste du gaztelaniazko itzulpen hori oso ondo dagoela, funtzionatzen duela, baina ingelesezkoarekin konparatu zuenean ez zitzaion iruditu erabat zehatza zenik, erreferentzia gehiago behar zituen. "Konfiantza eta esperientzia faltagatik, ezagutzen nituen beste hizkuntza batzuetako bertsioetara ere jo nuen: katalana, italiera eta frantsesa". Mahai gaineko liburuetara joaten zaizu begirada berriz: egindako lanaren detaile-maila zenbaterainokoa den jabetzen hasten zara, itzultzaileak haien arteko diferentziak esplikatzen dituen bitartean: "Italierazko bertsioa iruditzen zait libreena, kristoren asmakizunak egiten ditu hiztegiaren aldetik bereziki; baina ondo funtzionatzen du testuinguru italiarrean". Frantsesezkoa da orekatuena bere ustez, hala ere: jatorrizko testuarekin fidel eta irakurle galiarrak plazerez leitzeko modukoa. Zailena hori baita: "Nola lortu inpaktu estetiko hori, pelikulako irudietan ere agertzen dena, baina Burgessek hitzekin lortu zuena; nola lortu hori euskaraz".
Estilo bat sortu behar, itzulpen kreatiboa egin. Hasiera gogorra izan zen, lehenbiziko kapituluaren kontra borrokan jardun zuen denbora luzez. Eta gero ere, gorabeherak: "Ni ez naiz itzultzailea eta hau ez du inork finantzatu. Orain Meettok argitaletxeak interesa eduki du argitaratzeko, baina denbora guztian izan da gauza bat nik ikusten nuena, nahiz eta ez neukan gauzatzeko mediorik". Boladaka aritu da beraz: Bartzelonan ikasten ari zenean asko aurreratu zuen; baina ataskatu ere egin izan da, alde batera utzi izan du, gero berriz hartzeko. Hamar urte baino gehiagoko zeharkaldia, beti ziurtasun batekin: liburuak euskaraz funtzionatuko zuela. "Ez nengoen hain ziur, ordea, ni ote nintzen hori euskaratzeko gaitasuna zeukan pertsona". Horregatik, aholkuak eman dizkioten itzultzaileen laguntza eskertu du: Nagore Tolosak, Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek prozesuaren une diferenteetan ekarpenak egin dituzte eta ezinbestekotzat jo ditu Olanok.
Biolentziaren apologia?
Itzultzen hasten denarentzat mila deabru gordetzen dituen liburua izateaz gain, Laranja mekanikoa obra-ikono horietako bat da, kultuzko lana, imajinario propioa sortzeko gai izan den nobela, baina Stanley Kubrickek 1971n egin zuen filmaren eraginez, desitxuratu samar geratu dena. Horretaz jardun dugu Olanorekin, mahai gainean filmaren DVDa ere badagoela aprobetxatuz. "Bien arteko alderik nabarmenena azken atala da", esplikatu digu. "Liburuak 21 kapitulu ditu eta badago arrazoi bat horretarako: 21 urterekin Ingalaterran eta AEBetan adin nagusitasuna lortzen duzu [adi: spoiler bat dator hurrengo esaldian]. Azken atal horretan, Alex protagonistak bere kabuz erabakitzen du indarkeriaz betetako bide hori uztea".
Ion Olano Carlos:
"Bitxia egiten zait nola filmaren estetika oso-oso zabalduta dagoen, baina ez dagoen erreflexiorik"
Itzultzaileak uste du Kubricken asmoa ez zela ultrabiolentziaren apologia egitea, indarkeriarekin kritikoa den mezua zabaltzea baizik. "Baina azken atal hori pelikulan sartu ez zuenez, nahiko ziniko geratu zitzaion emaitza. Zeren, hori gabe, ematen du gaizto dena gaizto izango dela beti, indarkeria praktikatu duenak beti praktikatuko duela, ez dagoela aldaketa posiblerik". Eta mezua guztiz kontrakoa zen: Burgessek adierazi nahi zuen gizakiak badaukala erabakitzeko gaitasuna, hautatu dezakeela ongiaren eta gaizkiaren artean, horrek egiten duela gizaki eta ez… laranja mekaniko bat; alegia, itxuraz bizirik dagoen arren, mekanismo batzuek maneiatzen duten zerbait –izenburua hortik dator eta nobelan ondo ulertzen da Olanok dioenez; filmean, ordea, ez–.
Biolentzia da liburuko gai nagusietako bat, "eta oso modu serioan planteatzen du, hautu morala egiteko eskatzen dizulako: 'Zer sentitzen duzu honen aurrean?' galdetzen dizu". Argi geratuko da protagonistak ez duela ezer txarrik sentitzen biolentoa izaten, baina zer eragingo dio barruan irakuleari harekin batera istorioa bizitzeak? "Alex da narratzailea, erasotzailea, eta Burgessek irakurlea behartzen du indarkeria horren konplize izatera hasiera-hasieratik. Zuk jarraitzen duzu erasotzaile horren ibilera eta irakurtzen segitzen baduzu, pasa behar dituzu zure gorputzetik ekintza horiek".
Jipoiak, bortxaketak eta muturreko indarkeria ez dira duela 56 urte liburua argitaratu zeneko kontuak eta, Laranja mekanikoa -rekin lotuta, paradoxa terribleak agertzen dira bizi dugun garai honetan ere. 2016an Iruñeko Sanferminetako talde-bortxaketan parte hartu zutenetako batek Kubricken filmeko pertsonaiak zeuzkan tatuatuta: Burgessek adierazi nahi zuena zein gaizki ulertu den erakusten duen adibide bat. "Bitxia egiten zait nola filmaren estetika oso-oso zabalduta dagoen, bai ezkerreko, bai eskuineko taldeen artean; musika taldeak, futbol jarraitzaileak… baina ez dago erreflexiorik. Jende askok Laranja mekanikoa -ren kamiseta janzten duenean, ez dakit benetan pentsatzen duen zer esan nahi duen horrekin", azaldu du Olanok. "Nik uste adierazi nahi dutela halako indar moduko bat… Baina liburuan eta pelikulan egiten dutena talde-erasoak dira, askotan defendatu ezin duen jendearen kontra".
Lynne Isherwooden bortxaketa
Horrelako talde-eraso baten biktima izan zen Anthony Burgessen emaztea, Lynne Burgess –ezkondu aurretik, Lynne Isherwood–. 1940an AEBetako armadako lau desertorek bortxatu zuten Londresen. Haurdun zegoen eta, itxura guztien arabera, eraso horren erruz umea galdu zuen, bizi osorako traumatizatuta geratzeaz gain.
Anthony Burgess 1968ko argazki batean.
Handik hemeretzi urtera Burgessi medikuek esan zioten buruan tumore bat zeukala eta urtebeteko bizi-itxaropena eman. Bera hiltzean emaztea zein egoera txarrean geratuko zen aurreikusiz, konpultsiboki idazteari ekin zion, egile-eskubideen dirua bikotekideari oinordetzan uzteko asmoz: bost nobela urte bakarrean. Horietako bat zen Laranja mekanikoa , zeinean zeharka islatzen den idazleak eta Isherwoodek bizitakoa: nobelako pasarte batean Alex eta beste druguak bikote baten etxean sartzen dira eta emaztea bortxatzen dute. Senarra idazlea da eta une horretan idazten ari den nobelak Laranja mekanikoa du izenburua.
"Uste dut indarkeriaz betetako episodio hura erabili zuela katarsi moduko bat egiteko", dio Olanok. "Bekatua garbitzeko saiakera izan zen [katolikoa zen Burgess, jesuiten eskola batean ikasitakoa], ez bakarrik erasotzaile horiena, baizik eta bere bekatuak. Eta horretarako bere burua sartu zuen liburuan, pertsonalki inplikatu zen, ez zen kokatu istoriotik kanpo", azaldu du. "Aitortzen zuen gozatu egiten zuela idazten ari zela, bortxatuz eta jipoi horiek joz, bertan egon gabe. Aitortzen zuen berak bekatu horiek ezagutzen zituela eta hori oso interesgarria iruditzen zait, ez duelako ihes egiten gai horietatik. Badaki zer den gaiztakeria hori, bera ere badelako neurri batean gaiztoa".
Urtetan iraun zuen trauma baten zama bizkarrean, bere burua heriotzaren atarian zegoela pentsatuz, erredentzio bila idatzi zuen XX. mendeko klasiko hau. Bizitzak, ordea, beste plan batzuk zeuzkan Burgessentzat. Egin zioten diagnostikoa okerra zen, ez zen hil. Emaztea bai ordea, 1968an. Eta Laranja mekanikoa -k bizi osoan pertsegitu zuen, haren ibilbide oparoan –50 liburu baino gehiago argitaratu zituen– diferentzia handiz gehien nabarmendu den lana delako, baina Kubricken filmaren itzalpean, honek eragin zituen gaizkiulertu guztiekin.
Euskarazko itzulpen honek ematen du aukera liburuaren jatorrizko espiritura itzultzeko. Meettok argitaletxearen eskutik publikatuko den edizioa, gainera, berezia izango da: nobelaren 50. urteurrena ospatzeko argitaratu zen ingelesezko edizioaren oharrak ere izango ditu, baita Olanok gehitu dituen beste zenbait ere, euskal irakurlearentzat interesgarriak izan daitezkeenak. "Nire asmoa zen artefaktu bat sortzea. Aukera aprobetxatu beharra zegoen, oso obra mamitsua delako", esanez errematatu du elkarrizketa. | news |
argia-45d9ae1316b7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/blanca-fernandez-beti-bizkor-eta-baikor.html | "Gizonek pribilegioen VIP txartela itzuli behar dute" | Reyes Ilintxeta | 2018-10-28 00:00:00 | "Gizonek pribilegioen VIP txartela itzuli behar dute"
Feminismoa kalean eta ikasgeletan zabaldu duen ikertzaile, irakasle eta aktibista da. GITE elkartean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du bere ibilbidea. Dena genero ikuspegiaren betaurrekoekin begiratzeko esaten digun irakasle bikaina da.
Noiztik zara feminista?
Zientzia Politikoen Soziologiaren atala ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean eta garai hartan hasi nintzen feminismoaren kontzientzia hartzen, 70eko hamarkadan. Irakasle emakume bakarra izan nuen, azken ikasturtean, eta emakume ikertzailerik ez ziguten aipatu karrera osoan. Zerbait gertatzen zela konturatu nintzen. Nik banekien bazirela hainbat emakume ekarpen handiak egiten ari zirenak soziologiaren alorrean, baina ez ziren inon ere aipatzen edo ikasten. Ikasketak bukatutakoan nire lehenbiziko lan ordaindua Humanidades izeneko liburu-dendan izan zen Iruñean, eta han antolatu nuen giza eta gizarte zientzietako atala. Oso interesgarria izan zen, oso liburu-denda gutxi zegoelako hemen, eta gainera, botere guztia eman zidatelako egoki ikusten nituen lan guztiak ekartzeko. Oraindik genero ikuspunturik ez genuen, baina bai interes handia iristen ziren feminismoaren inguruko liburu guztiengatik. Handik atera eta 1978an GITEren [Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea, gaztelaniaz IPES] sorreran hartu nuen parte.
Zer helbururekin jarri zenuten abian GITE?
Hainbat esparrutako profesional talde bat bildu ginen: abokatuak, historialariak, ekonomistak, soziologoak… Hemen, kulturan eta ikerkuntzan izugarrizko hutsunea zegoela uste genuen. Opuseko unibertsitatearen esparru itxia besterik ez zegoen eta oso jendarte kontserbadorea zen. Garai hartan ezagunak ziren herri unibertsitateen eredua jarraituz, erabaki genuen hemen halako zerbait egitea. Horrela sortu genuen gizarte ikerketarako talde hau. Asmoa zen unibertsitatera joateko aukerarik izan ez zuen jendeari formakuntza eskaintzea, batez ere langileei, feministei, sindikalistei eta ekimen sozialetan zebiltzan pertsonei. Haiek zuten lehentasuna. Arrakasta izugarria izan zen. Jendea ez zen ikasgeletan sartzen. Marxismoa, feminismoa, ekologismoa eta sexu heziketa jorratzen genituen, baita Nafarroako historia ere, baina Euskal Herriko testuinguruan kokatuta. Bestalde, gure abokatu eta ekonomistek aholkua ematen zieten enpresa batzordeei eta sindikatuei, garai hartan ez zeuzkatelako egun dituzten baliabideak. Nik genero ikuspegia eta feminismoaren inguruko gaiak ematen nituen. Euskarazko klaseak ere ematen ziren. Azkar aldatzen ari zen gure gizarte hartan eskatzen zen guztia eskaintzen saiatu ginen, azken finean.
Gaur egun zein da GITEren egitekoa?
GITE beti egokitu da garaiko beharretara. Abian jarri genituen ikasketa lerro asko beste erakunde eta elkarteek hartu izan dituzte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, adibidez. Feminismoa, genero teoria eta emakumeen lanen zabalkundeak, esate baterako, urtetan iraun du. GITEren Emakumeen Liburutegia eta Dokumentazio Gunea altxorra dira. 1985ean sortu genuen eta gero eta garrantzitsuagoa da. 15.000 lan biltzen ditu eta sarean dago Espainiako Estatuko eite bereko beste liburutegi guztiekin.
Alor honetan beste bi ekimen oso garrantzitsu sortu ditu GITEk: Iruñeko Zinea eta Emakumeen Nazioarteko Erakusketa, aurten 32. edizioa eginen duena, eta Feminismoen eskola, nire ahizpa Silviak abiarazi zuena eta egun Iruñeko Udalak bere egin duena GITErekin elkarlanean.
Feminismotik at, nazioarteko egoera soziopolitikoaren analisia eta giza eskubideen defentsa egiten duen atala ere oso bizkor ari da lanean gaur egun institutuan.
Argazkia: Dani Blanco.
Feminismoa eta genero ikuspegia zuten lehendabiziko ikerketa ildoak jorratu zenituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Emakumeen pobretze ibilbideak zehaztu zenituzten, adibidez, eta adierazi zenuten emakumeak gizonak baino gehiago pobretzen direla. Zergatik gertatzen da hori?
Frogatuta dago emakume pobre gehiago dagoela gizon pobreak baino eta txirotasun desberdinak direla, gainera. Arrazoi nagusia mendekotasun ekonomikoa da. Egile batzuek diote ezkontza bera dela jatorria. Askotan ikusten da emakume bat banantzen denean edo bikotekiderik gabe gelditzen denean, pobretze bidean abiatzen dela. Hori, aldiz, ez zaie gizonei gertatzen. Guraso bakarra izatea eta bereziki neska gaztea izanda, nerabea izanda, pobreziaren arrazoi larrienetakotzat hartzen da Europan. Nerabe amak dira txartel guztiak erosi dituztenak pobreziaren eta bazterkeriaren bidean abiatzeko. Bereizten diren emakumeak ere, familiaren zama guztiarekin gelditzen dira. Hortaz, horrek haurren pobretzea dakar. Esan daiteke ezkontza bera dela emakumeak pobretzen dituena, eta dibortzioa edo bereizketa pobretzea bistaratzen dutenak. Ezkontzean emakumeek lan ibilbideak apurtzen dituzte, etxean gelditzen dira eta ondorioz pobretzen dira. Egile batzuek txirotze prozesuok zenbakitan jarri dituzte.
"Emakumeen txirotasunaren arrazoi nagusia mendekotasun ekonomikoa da. Egile batzuek diote ezkontza bera dela jatorria"
Zein balorazio egiten duzu feminismoan eman diren aurrerapausoez?
Feminismoak aldaketa sozial handiak ekarri ditu emakume eta gizateria osoarentzat. Garrantzitsuenak eskubide berdintasuna, sexu eta ugalketa eskubideen aitorpena eta familia patriarkalean eragindako krisia dira. Orain familia eredu desberdinak badirela onartzen da. Ezkontzea ez da bide bakarra. Ez dugu familia patriarkala desegin, baina asko aldarazi dugu. Familia eredu horri lehentasuna kentzea, menderatze-sumisio binomioa apurtzeko modu bakarra da. Hori da genero indarkeriaren aurka egiteko modua.
Aldaketa sozialean sinesten dut. Datuak begi-bistakoak dira eta argi dut bide honetan sakontzen jarraitu behar dugula. Orain %99ak feminismoaz hitz egiten du, hau da, maila sozial guztietako emakumeengana iritsi da, ez soilik maila ertain edo goi-mailako emakumeengana. Ni harrituta nago. Bost urtetik hona aldaketa izugarria izan da. Lehen betikoak joaten ginen martxoaren 8ko manifestaziora, eta aurten izugarria izan da, lehen aldiz greba kontzeptu berria zabaldu delako: bi lanak lotzen dituen greba. Lan produktiboa eta zaintza lana batera geldituz gero, mundu osoa geldiarazten dugu.
Oso garrantzitsua iruditzen zait gauzak modu positiboan ikustea. Gazteei beti esaten diet sinesteko hemendik 30 urtera gerta daitezkeen aldaketak, nik neuk aldaketa izugarriak ikusi ditudalako. Aldaketok, hala ere, beste kontu bat ekarri dute: zer egingo dugu zaintza lanekin? Goi-mailako ikasketak egiteko eskubidea dugu, gizonak baino gehiago gara emakumeak unibertsitatean, eta emaitza hobeak ditugu. Hala eta guztiz ere, lan merkatuarekiko gure harremana oso gatazkatsua da.
Zeintzuk dira erronkak?
Ondoko sei gaiak aipatuko ditut: egindakoa mantentzea; zaintza lanak; genero indarkeria; gorputza eta sexualitatea; identitate eta aukera sexualak; eta patriarkatua.
Lehenengoa eta nagusia da aldaketak mantentzea. Lasaituz gero, lorpen horietako asko gal genitzake izugarri azkar. Inork ez digu bermatzen lortu duguna mantendu ahal izanen dugula betiko. 1995ean egin zen laugarren eta azken Emakumeen Nazioarteko Biltzarra, Nazio Batuen Erakundeak antolatua. 30.000 emakumek hartu zuten parte. Ez da biltzar gehiago egin beldurragatik, uste dutelako han adostu ziren gai batzuk berriz mahai gainean jarriz gero, zenbait herrialdek atzera eginen luketela. Sexualitatearen eta gorputzaren kontrolaren eskubideak onartzeko oso gaizki ibili ginen. Vaticanoak eta islamiarrek, bereziki, oso gogor jokatu zuten. Azkenean emakumeen eskubideak giza eskubideak direla onartu zen, baina ozta-ozta.
Zaintza lanei eta lan munduari dagokionez, lan merkatuan sartu gara, baina sistemaren egiturak aldatu gabe. Emakumeek ez dute alde batera utzi zaintza lana. Guk lan hori egitea interesatzen zaio kapitalismoari. Doan egiten dugu, horregatik gaude beti baldintza okerragoetan gizonen aurrean eta horregatik ez dugu benetako autonomia lortzen. Pertsonen zaintza botere publikoek hartu behar dute bere gain. Gizonek derrigorrezko aitatasun baimen berdinak ez dituzten bitartean ez dago ezer egiterik, adibidez. Lan merkatuaren kontzeptu orokorra aldatu behar da. Oso maskulinoa da. Hor ez dago zaintza lanik eta hori ez da erreala. Ez da ikuspuntu jasangarria. María Angeles Durán ikertzaile soziologoak neurtu du zenbat lanpostu sortu beharko liratekeen sistema publikoak zaintza lan guztiei erantzuteko. 26 milioi lanpostu sortu beharko lirateke eta egun Espainiako Estatuan 18 milioi pertsona ari dira lanean. Ekoizpen sozialaren bi hankak dira produkzioa eta ugalketa soziala.
Argazkia: Dani Blanco.
Genero indarkeria nabarmendu nahi duzu.
Desberdintasunean oinarritutako sistema guztiek indarkeria dosi bat behar dute desberdintasun hori iraunarazteko. Sistema patriarkalak bere burua babesten du genero indarkeria erabilita. Eskubideetan aurrera egiten dugun heinean, indarkeria handitzen da, emakumeak "bere tokian jartzeko". Ez gara batere ongi lantzen ari gai hori. 2000-2015 bitartean 970 emakume hil zituzten Espainian. Gerra bat da, eta ez guk piztutakoa.
Gorputzaren eta sexualitatearen eskubidea da beste erronka bat. Aldarrikapen historikoa da. Sexualitatea bizi eta kalean libre mugitu ahal izatea, bidaiatzea… gure eskubideak dira. Sistema judizial patriarkala eta bere legeak etengabe ari dira gizonak babesten eta emakumeak erruduntzat jotzen. Ikaragarria da.
Identitate eta aukera sexual desberdinak aitortzea. Hor ere erronka dugu?
Asko gelditzen da oraindik egiteko. Genero aginduak ikusi, identifikatu eta desobeditu behar ditugu. Feminitatea eta maskulinitatea nola bizi behar ditugun esaten digute. Zer gustatu behar zaigun eta zer aukeratu behar dugun esaten digute. Zerbait ari gara aurreratzen, baina gizarteak egiten duen eskaintzan genero aginduek hortxe segitzen dute. Nire ikasle gehien-gehienak neskak ziren, adibidez, eta ez da kasualitatea. Horren atzean genero agindu bat dago. Emakumeok alor publikoan bilatzen dugu pribatuan beti egin dugunaren proiekzio bat, hau da, zaintza lana. Irakasleak, sanitarioak edo gizarte langileak gara. Genero aginduen emaitza da hori. Horren aurrean guk nahi ditugun genero ereduak sortu behar ditugu, maskulinotik eta femeninotik ezaugarriak aukeratuz eta josiz.
"Nahiago dut jendea feminismoaren alde agertzea, modu fribolo samarrean bada ere"
Patriarkatuaz zer?
Patriarkatuak hor jarraitzen du. Orain patriarkatu demokratikoa dugu, eskubide asko onartu dira teorian, baina kristalezko sabaiak ditugu. Patriarkatua eta kapitalismoa hertsiki lotuta daude. Barne Produktu Gordinaren erdia dohainik ematen diogu kapitalismoari. Kapitalismoari interesatzen zaio patriarkatua mantentzea. Soldaten arrakala ere bada beste dohaintza bat, emakumeok urtean bi hilabete ematen dizkiogu kapitalismoari. Pagotxa da, eta hor dago koxka. Ekonomiaren ardatz nagusia ez da izan behar dirua irabaztea, baizik eta pertsonen ongizatea bermatzea.
Zein izan behar du gizonen zeregina feminismoan?
Jabetu behar dute zer irabaziko duten patriarkatua eta kapitalismoa aldatuta eta gurekin batera aldaketa egiteko prest egon behar dute. Gure feminismoa ez da berdintasun kontua, aldaketa sozial sakona baizik. Sistema osoa aldatu nahi izan du eta ez soilik berdintasuna lortu. Gizonek pribilegioak galduko dituzte eta argi ikusi behar dute. Luis Boninok dio gizonek VIP txartel moduko bat dutela beti zainduta egoteko, arropa garbia izateko, bazkaria prestatua… Ez dakite nork eman dien, baina eman die. Bada, gizonek pribilegioen VIP txartela itzuli behar dute.
Feminismoa modan egotea ona ala txarra da?
Nik nahiago dut modan egotea jazarria izatea baino. Askotan azalkerietan gelditzen dira, baina hala eta guztiz ere, iruditzen zait oso garrantzitsua dela premisa batzuk modu masiboan onartzea, nahiz eta telebistako halako saiotan izan. Beste mugimendu sozialak ez bezala, feminismoa jazarria, gutxietsia, iraindua, izan da askotan. Ez da gertatu sindikalismoarekin, adibidez. Horregatik nahiago dut jendea alde agertzea, modu fribolo samarrean bada ere. Agian oso baikorra naiz, baina nahiago dut hori, feminismoari min ematea baino. | news |
argia-4eec9ed9abc9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/basazaldiez.html | Basazaldiez | Castillo Suarez | 2018-10-28 00:00:00 | Basazaldiez
Animaliak dira kaltetuenak suteetan. Arnasarik gabe geratu eta hil egiten dira eta ihes egitea lortzen duten asko autoek hitzen dituzte. Behin zaldi bat kolpatu nuen, sute batetik ihes zoroan atera zena. Hil egin zen bertan. Errepide bazterrean geratu nintzen, zauriak laztanduz, jabea etorri zen arte. Basazaldia zen. Nik ez nuen inor zain eta kamioi txiki batean eraman zuten arte geratu nintzen errepide bazterrean. Ez zen surik sumatzen geunden tokitik, baina animalia izua errepideraino iritsi zen heriotza eta denbora elkartzen diren tokian. Su eman zioten basazaldiari. Eta ederra bezain mingarria iruditu zitzaidan sutetik ihesi hil zen animalia erre behar izatea gaitzik ez barreiatzeko. Tarteka amets egiten dut heriotzarekin. Tarteka amets egiten dut zure heriotzarekin. Eta basazaldiari nola, laztantzen dizkizudala zauriak beranduegi bada ere. Absentzia nola bete erakutsiko didan norbait ezagutu dudala esan nahi nizuke. Itsaso bazterrerantz eramango nauena elurrak estalitako auto batean. Basazaldi batek trostan zeharkatzen ditu nire ametsak. | news |
argia-6d5e494ea651 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/batailaren-baitako-paisaia.html | Batailaren baitako paisaia | Aritz Galarraga | 2018-10-28 00:00:00 | Batailaren baitako paisaia
Gogoan dut garai hartan kolaboratzen nuen gehigarri kulturalari proposatu niola, Bezperaren bezpera iruzkintzea. Ez egiteko emandako arrazoia izan zen denbora, liburua ez zela nobedade-nobedadea –udaberrian iruzkindu nahi izan nuen Durangorako atera zena, gauza ohikoa–. Arrazoia irentsi nuen, noski, nahiz orain liburua irakurtzean asmatu uste dudan zein izan zitekeen egiazko motiboa. Aingeru Epaltzaren lehenbiziko saiakera –gerora ez du gehiago atera– , Xabier Mendiguren editorearen hitzetan liburu guztiak onak idatzi dituen idazlearena. Jon Kortazarrek, "egilearen autobiografia intelektual gisa" onartu beharko genukeela dio, nahiz autobiografia politiko gisa onartzea litzatekeen agian zehatzena. Hori bai, bat nator kritikariaren iritziarekin: maisuki egiten du Epaltzak.
Borroka armatua "niretzat eta ni bezalakoentzat euskalduntasunaren markarik behinena" zen garaitik, "ekintza armatuek euskarari eta euskal kulturari ekartzen zizkieten zehar-kalteez" ohartarazteraino, Franco hil ondotik liburua argitaratu arteko tartearen kontakizun politiko zorrotza da Epaltzarena; kontziente dena "aro baten akabantzaren bezperan gaudela. Edo bezperaren bezperan". Batailaren baitako paisaia erakusten digu Epaltzak, hartara, paisaia maiz desolagarria –"Iduri du Euskal Herri politikoa eraiki nahiaren nahiaz, ez dugula sendotzen jakin Euskal Herri kultural, ekonomiko eta sozialaren zimendua"–, paisaia ez beti erabat zuzena –"Hemengo jainkoak ez dira inor Endarlatsatik harata"; Epaltza bera horren froga garbia–, paisaia batzuetan zuzenean okerra –"Inoiz nafar eskuina Foru Jauregitik eta Iruñeko Herriko Etxetik bidaliko badugu, sozialistekin batera eginen dugu"–. Baina inondik ere zintzoa: "Egun, urrunegi daude politikoki bi erkidegoetako biztanleak. Urruntze horretan zer esana izan duten faktoreen azterketa guztiz pertsonala dira, bertzeak bertze, orrialde hauek".
Bertzeak bertze, ezen, idazle batek idatzitako memoria politikoak izanik, literaturaren gaineko ohar jakingarriak ezin falta: "Salbuespenak salbuespen, gure mataza odoltsuan korapilatutako nobelak euskal idazleok idazten ditugu, ez erdaldunek". Baina, esandakoa: batez ere batailaren baitako paisaiaren kontaketa aurkituko dugu; zeina bestela ikusten baita, zalantzarik gabe, batailaren ondoko paisaiatik. | news |
argia-63f242a0b104 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/bilaketa-adorea-eta-itxaropena.html | Bilaketa, adorea eta itxaropena | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-10-28 00:00:00 | Bilaketa, adorea eta itxaropena
Maddi Noguera ataundarra musikaren munduan bakarka hasi zen 2015ean eta orain Maddi taldeko gidaria da, 2017tik hona hain zuzen. 2015ean, folk eta indie kutsuko sei kanta lasai biltzen dituen Ezagutu, onartu, maitatu bere lehen diskoa kaleratu zuen. Bilatu eta aurkitu duen bide berri batetik aurrera eginez, talde baten babesean, baina bere nortasuna galdu gabe plazaratu du aurtengo urrian Ying Yang bere bigarren lana.
Teknikari lanetan aritu den Karlos Osi nagaren laguntza estimagarriarekin soinu indartsua gauzatu dute taldekideek, melodiak, leloak eta moldaketak ederki landu dituzte, eta diskoan entzun daitezkeen pop-rock kutsuko kanta ederrak dira lan horren emaitza. Bateriak eta baxuak sortutako erritmo oinarri sendo baten gainean, gitarren akorde, marrazki eta ukitu politak entzun daitezke, eta Maddiren abesteko modua nabarmentzen da, bere izaera.
Harentzat kantak konposatzea terapia moduko bat da, barruak husteko, Maddi Noguerak berak onartu duenez, eta bere gogoetak, kezkak eta sentipenak kanten bidez azaltzen ditu, bere erara, ezkortasunean eta malkotan ito gabe. Azken batean, bizitzea bilaketa bat baita, mingotsa askotan, baina adore pixka batekin aurrera egiten saiatu behar baita, itxaropena galdu gabe: "Desertuan bilatzen, loreak non diren bilatzen nabil gau eta egun, desertuan ikasten; hotza badirudi ere bihotzean badu xarma, utziozu erakusten, altxorrak deskubritzen" ( Ying Yang ); "Mila zatitan inoiz ez apurtzeko, indarrez zaude orain, irribarrez distiratsu" ( Nora ); "Zurea omen den bidetik, noizbehinka zubiak eraiki, ziur zauden horren inguruan, 'gai naiz' errepikatuz" ( Nahi gabe ); "Desertu hila loratzen hasi zen, halako batean ernaldu egin zen" ( Desertu hila ).
Diskoan entzun daitezkeen kantak aurten konposatu ditu, mimo handiz. Kanta horiek jendaurreko emanaldietan aurkezten hasi dira jadanik Maddi (ahotsa eta gitarra elektrikoa) eta bere taldekideak, eskarmentu handiko musikariak, trebeak beren tresnekin: Pitxu (gitarra elektrikoa), Haritz (baxua), eta Julen (bateria). | news |
argia-da4640887af5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/etimologia-kontua-ote.html | Etimologia kontua ote? | Karlos Gorrindo Etxeandia | 2018-10-28 00:00:00 | Etimologia kontua ote?
Ala sentimendu hutsa baino ez? Nazio kontzeptua soziologikoa da, psikologikoa eta emozionala, nonbaitekoak eta bertakoak garen sentimendua, ustea, egiaztapena. Nonbaitekoa izatea eta identitatea. Nazio adiera jaio edota sortzea dela adierazten du etimologiak. Estatu juridiko-politikoak gero datoz, lurraldea taxutu eta arautzeko unean, alegia.
Zer gara gu, besteek gu izatea nahiko luketeena ala sentitzen garena? Nongoak gara gu, beraz? Argi eta garbi, gu sentitzen garen toki horretakoak. Gu sentitzen dugun hori gara, azalaren itxuraren gainetik. Nork esan behar dio inori nor ala zer den, hangoa ala hemengoa den. Arauek edo legeek adierazten dute soil-soilik nor eta nongoak garen? Eta sentimenduak? Eta soziologiak? Eta emozioak?
Liburua azalak egiten omen du. Kanpoko itxurak. Baina barrualdeko orriak zuri baleude, liburu itxura baino ez luke izango. Liburu izaera barruko orrialdeetan idatzita dagoenak ematen dio. Eta ez dakigu, entsegua, ipuina, poesia, sukalderakoa edota marrazkiz jositakoa den zabaltzen ez dugun bitartean. Kanpoko itxura orokorra, iragankorra eta engainagarria izan daiteke. Barrukoa, zehatza eta ondo errotua da, nor, zer eta nongoak egiten gaituena.
Gu nazio kulturala gara zalantza izpirik gabe (hizkuntza, kultura, ohiturak, sinesmenak…), baina ez gara estatu, hots, izaera juridiko-politikoa duen herria. Izan badugu lege eta arau multzo bat gure errealitate funtzionala egituratzen duena, eta hiru errealitate administratibo. Eta hegoaldekoen kasuan, Estatutua eta Foru Hobekuntza Espainiako Goi Araudi baten menpe daude. Bi nazioen Goi Araudien menpe dago gure nazioa. Eta araudi horien menpe jarraitzen dugun bitartean ez gara gu geu izango (nazioa), espainiarrek eta frantziarrek gu izatea nahi dutena baizik.
Gure Goi Araudia egin behar dugu. Estatu izaera erdietsi. Juridikoki eta politikoki antolatu. Oinarriak baditugu, izan ere: ekonomikoak, kulturalak, estrukturalak eta giza baliabideak. Guk ez dugu Espainia handi baten parte izan nahi, berau indartzeko. Ez dut jazarria, mendean hartua eta gu geu izaten uzten ez diguten estatu-nazio batzuen parte izan nahi.
Espainia aberri izan aitzin, gu baginen leinu eta herri. Herrien izaerak makina bat jira eta bira ematen du historian zehar: Baskoiak, Karistiarrak, Barduliarrak… Nafarroako Erresumaren baitakoak eta Espainiaren menpekoak. Esatea erraza da, jakina. Egitea da gaitzago. Are eta gehiago zu nor zaren eta nongoa zaren kanpoko batek erabakitzen duenean: Espainiak, Frantziak, Europak….
Horrexegatik beragatik Kosovoko Independentzia Adierazpenari jarraitu behar diogu nahitaez, honek ez baitu Nazioarteko Zuzenbidea urratzen aldebakarreko independentzia adierazpena eginda. | news |
argia-9bfb3025ac53 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/bizinema-bang-bang.html | "Zinemaren espiritu ludikoa berreskuratu nahi dugu" | Mikel Garcia Idiakez | 2018-10-28 00:00:00 | "Zinemaren espiritu ludikoa berreskuratu nahi dugu"
Pelikula batzuk hobeak dira jende gehiagorekin ikusiz gero. Horri festa giroa gehituz gero, are esperientzia gozagarriagoa. Hala pentsatzen dute Irungo Bizinema Bang Bang ekimenaren bultzatzaileek. Zinema telebistan kontsumitzeko ohitura zabaldua dagoen garaiotan, 1980-90eko hamarkadetako film ikonikoak pantaila handian eta jatorrizko bertsioan ikusteko aukera eskaintzen dute.
"Pelikula ikustetik harago, pelikula bizi egiten dugu emanaldi hauetan; espiritu ludikoa berreskuratu nahi dugu, filma taldean gozatu. Publikoak filma ikusi bitartean parte hartzen du, adibidez eszena gogoangarrietan txalo eginez. Hori ez duzu areto komertzialean egiten eta halako esperientzia dibertigarria partekatzeak konplizitate handia sortzen du ikusleon artean. Ondo pasatzea da helburua", diote egitasmoaren atzean daudenek. Horretarako, arratsalde-pasak antolatzen dituzte: bi pelikula ikusten dituzte, aurkezle eta aktore banak dinamizatuta, eta film horiei loturiko atrezzo, irudi, fotogramek… janzten dute antzokia bera.
Irun erdialdeko zinema-aretoak itxi zituztenean, eta Donostiako Bang Bang egitasmoa eredu hartuta (bost urte ditu Donostiakoak), 2017ko abenduan abiatu zen proiektua, Udalarekin batera elkarlanean. Bi saio egin dituzte ordutik: lehenengorako Gremlins eta Jurassic Park hautatu zituzten, bigarrenerako Die Hard eta Aliens , eta datorren azaroaren 3rako prest dute emanaldi bikoitza: Indiana Jones: Riders of the Lost Ark eta The Big Lewobski . Borrokarik handiena irudi eskubideak lortzea izan ohi da, aitortu dute, zenbait kasutan nahiko etsigarri bihurtzeraino.
Zenbatek ikusi du Indiana Jones zuzenean telebistan?, galdetu digute. Askok ez dituzte pelikula hauek zinema-aretoan ikusi, eta estreinatu zirenean aukera izan zuenak errepikatzeko abagunea du orain. Zinema pantaila handian ikusteko pentsatuta dagoela aldarrikatzen dute, batez ere garai hartakoa. Oroitzapen ona eta arrastoa utzi duten filmak hautatzen dituzte, jendeak eskatzen dituenak (zer ikusi nahiko luketen galdetzen diete ikus-entzuleei, saio amaieran banatutako orrietan). Ezezagunagoak diren lanak ere tartekatzen dituzte: " The Big Lewobski kultuzko filma da, jende ugarik ez du inoiz ikusi, eta halako pelikulak ezagutzeko aukera ere eman nahi diegu; oreka bilatzen dugu". Emozionatzea eta barruan zerbait mugitzea, hunkitu zaituelako, barrea eragin dizulako… Hori da pelikula bati eskatzen diotena: "Harrapa zaitzala eta aretotik atera ondoren ere buruan bueltaka izatea". Drama generoa omen da oraingoz kanpoan uzten duten bakarra, emanaldietan sortzen den festa giroarekin ez datorrelako bat.
azaroaren 3ko kartela eskuetan, goiko ilaratik hasita eta ezker-eskuin: Josu Benito, Adur Amilibia, Jon Paul Arroyo, Iñigo Martinez eta Iñaki Goikoetxea. Emozionatzea eta barruan zerbait mugitzea, hunkitu zaituelako, barrea eragin dizulako… Hori da pelikula bati eskatzen diotena.
Komertziala, txarraren sinonimo?
Publiko zabalak gustuko duena, alegia komertziala dena, ez da beti film txarraren sinonimo: "Publikoak atsegin duena baina atzean lana duena, kalitatea duena, aukeratzen dugu, eta Indiana Jonesena horren adibide da". Lehen gainera blockbuster -etan mimo gehiago jartzen zela diote, baina orain industriaren presiopean superprodukzioak bata bestearen atzetik egin behar dituztenez, sarri denbora gutxiago eskaintzen zaiela. Baietz, fast food eredutik baduela zinema komertzialak, batzuetan oso film errepikakorrak direla behin funtzionatu duen hori etengabe esplotatzen dutelako, istorioak hutsalagoak direla, halere obra onak aurki daitezkeela… Zinemaz eztabaidatzen hasi dira gure solaskideak, ezin dute saihestu, elkarrizketan zehar pelikulen, zuzendarien eta aktoreen inguruko erreferentziak, iritziak eta kritikak behin eta berriz tartekatu dituzte Jon Paul Arroyo, Adur Amilibia, Iñigo Martinez, Josu Benito eta Iñaki Goikoetxeak (azken hau, Udaleko Kultura sailaren ordezkaria). Bizinema Bang Bang emanaldietan, ordea, ez dago debaterik, zineklubetan egin ohi den moduan. "Halako debateek nolabaiteko solemnitatea eskatzen dute. Guk eztabaidak aretotik kanpo egiten ditugu, saiotik atera eta ondoko tabernan edo nahi den lekuan pelikulez hitz egiten jarraitzen dugu".
Jatorrizko bertsioan hobeto
Zenbatek ikusi du Indiana Jones pantaila handian galderari beste bat gehitu diezaiokegu: zenbatek ikusi du jatorrizko bertsioan? Bizinema Bang Bangeko emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan dira, gaztelaniazko azpitituluekin. "Bi elementuk osatzen dute aktorearen lana, irudia eta ahotsa, eta biak funtsezkoak dira interpretazioan. Ahotsa kentzen badiozu, bere lana kamusten ari zara, eta gainera aktore batzuek garrantzia berezia ematen diote hitz egiteko eta adierazteko moduari, interpretazioaren parte den heinean". Europako zinema-areto gehienetan jatorrizko bertsioa nagusi dela gogoratu dute, eta sarri bikoiztua hobesteko joera ezezagutza eta ohitura falta baino ez dela, gertatu izan zaielako jendeak pelikula hasieran esatea ez dakiela pelikularen ñabardura guztiak ongi harrapatuko ote dituen, azpitituluak irakurtzen aritu beharko duelako, eta bukaeran onartzea alderantzizkoa, pelikulari ñabardura gehiago atzeman dizkiola jatorrizko bertsioari esker.
Netflix gisako plataformen eragina medio, batzuetan kosta egiten zaigu pelikulak ikusteko etxetik ateratzea, eta horregatik pozik baloratzen dute ekimena pixkanaka hartzen ari den oihartzuna. Lehenengo saiora 300 lagun hurbildu ziren, bigarrenera 200dik gora (maiatzaren 1eko zubiarekin, gizonezkoen futbol derbiarekin eta Sagardo Egunarekin lehian), eta hirugarren honetarako ikusmina nabaria dela azpimarratu digute, galdezka daukatela jendea. Ezezagunak ere gerturatu zaizkio Adur Amilibiari, " The Goonies proiektatu behar duzue!" eskatuz. Herri eta hirietan horrelako ekimenak zabaltzea ona dela uste dute, eskaintza areagotzeko, eta hiriburuetan ez kontzentratzeko. "Lehenengoan Donostiara joan nintzen, hemen ez dagoelako hango zine eskaintza, eta areto erdia eskualdeko jendea ginen", kontatu du Iñigo Martinezek. Azken finean, zineklub eta zineforumak ere ez dira garai batean bezain oparoak "eta jende gutxiago erakartzen dute, baina pelikula arriskatuak ikusteko aukera ematen dute, eta hori bera ez da funtzio makala".
Aurreiritzirik gabe eta aldarte onean gerturatzeko eskatzen diote herritarrari, ziur dira entretenitzeko gogoz datorrenak primeran pasako duela. Hortik aurrerako helburua, proiektua egonkortzen jarraitzea, jendeak agendan idatziko duen plana izan dadin Bizinema Bang Bangen zine saioa. | news |
argia-f75ac1d6c529 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/khaxoggiren-haragia-ekialde-hurbileko-xake-taula-bihurrian.html | Khaxoggiren haragia Ekialde Hurbileko xake taula bihurrian | Pello Zubiria Kamino | 2018-10-28 00:00:00 | Khaxoggiren haragia Ekialde Hurbileko xake taula bihurrian
Jamal Khaxoggi ez zen Saudi Arabiaren Istanbuleko kontsuletxean sartuko baldin eta burutik pasa balitzaio ondotxo ezagutzen dituen borrero saudiak berekin hain basatiak izan zitezkenik. Aldiz, nahi gabe asmatu zuen kolpea emozioa jarri nahi bazuen Ekialde Hurbileko xake taulan. Donald Trumpek eta AEBek daukaten saudien beharra, Mohamed bin Salman erregegaiaren etxeko borrokak, Turkiak indartzeko behar zuen estakurua, Israelen urduritasuna... Dena petrolio usain artean.
Alde batetik daude urriaren 2ko gertakizunak, edonori oilo ipurdia ateratzeko moduko osagaiekin. Jamal Khaxoggi , 1958an sortua, kazetaria eta luzaz Saudi Arabiako elitean goi karguak eduki ostean AEBetan babestua, Istanbulen bere herrialdeak daukan kontsuletxean sartu zen 13:14 minututan dibortziatzeko paperak egitera, atarian zain utzi zuen Hatice Cengiz turkiarrarekin ezkontzeko. Honek luzaz itxaron eta egoitza itxita gero ere ez azaltzean polizia turkiarrarengana jo zuen senargaiaren falta salatzera. Khaxoggi inoiz ez zen bizirik irten, eraikinaren kanpoko kamerek erakutsi dutenez, hasieran Riadeko agintariek esandakoa gezurtatuz.
Kontsulatu barruan Khaxoggiri gertatu zitzaionaz dakigu Turkiako zerbitzu sekretuetako arduradunek prentsari ondoko egunetan filtratutakotik. Khaxoggi baino ordu batzuk lehenago sartu zen kontsuletxean 15 agentez osatutako talde berezi bat, Ankarara bi jet pribatutan iritsi ostean lekuraino furgoneta ilunetan hurbilduta. Hamabosten artean zihoazen Salah Muhammad al-Tubaigy saudien segurtasun departamenduko ikerketa forenseen burua eta Mohamed bin Salman printzearen goardia pertsonaleko zazpi agente.
Kronika hau idazterakoan kontsuletxeko sarraskiaren grabaketak –seguru ba omen daudenak– ikusi eta entzun ahal izatea baizik ez zen falta. Prentsak idatziz zabaldu ditu, Middle East Eye hedabideari turkiarrek kontatu bezala: "Tubaigy hasi zen Khaxoggi mahai baten gainean ipinita haren gorputza zatikatzen artean bizirik zegoenean. Hiltzeak zazpi minutu hartu zizkion, iturri turkiarraren arabera. Gorputza zatikatzeari ekindakoan belarrietan audiofonoak jarri zituen musika entzuteko eta taldeko beste kideei gauza bera egiteko esan zien. 'Lan honetan ari naizenean, musika entzuten dut, zuek ere hala egin behar zenukete', entzuten da grabaketan. Gertatuaren hiru minutuko grabazioa pasatu diete [Turkiako zerbitzuetako iturriek] Sabah egunkariari, nahiz eta honek ez duen oraindik zabaldu. New York Times ek, berriz, iturri turkiarren bidez jakin du Tubaigyk hezurrak ebakitzeko zerra zeramala. Tubaigy Saudi Arabiako Patologo Forenseen Elkarteko kidea da".
Zergatik horrelako krudelkeria disidente bat hiltzeko? Duela hilabete gutxi bere familiako eta elite saudiko kide boteretsu asko atxilotu, torturatu eta diruz hustu zituen Saudi Arabiako erregegai berriak oraingoan eskarmentu gordinago bat beharko zuen, etxe barruko arerioak aski menderatu ez zituelakoan.
Adnan Khaxoggi arma trafikatzaile famatuaren iloba, Jamal Khaxoggi elite horretako kidea zen, kazetariz gain gobernuko ministro bat baino gehiagoren komunikazio aholkulari izana luzaz eta inteligentzia zerbitzuetako kide ere bai. 2003tik hasia zen gora beherak izaten Saudi Arabian indar handia duten wahabi ortodoxoekin; Al Arab eta Al Watan hedabide indartsuetako goi karguak eta atzerriko egonaldiak –Londres, Bahrain...– tartekatu zituen, erreformistegia zelakoan.
Baina zer da erreformista izatea Saudi Arabiako elitean? Geopolitikaz hain informazio zehatzak eskaintzen dituen Moon of Alabama blogak oroitarazi du nola Khaxoggik harreman estua izana zuen Osama bin Ladenekin, frogatzat erakutsiz bere garaian egunkari batean plazaratutako kronika baten kopia, argazki hau eta guzti: Bin Ladenen elkarrizketa dakarren orri berean, Afganistango gudari islamisten artean ageri da Khaxoggi RPG granada jaurtitzaile bat bizkarrean!
Erdogan, Trump eta MbS
2007an AEBetara atzerriratuta, Washington Post ek kolaboratzaile fitxatuta, Khaxoggik sekulako harreman sarea josi zuen Ipar Amerikan, kongresista eta senatarien lagun egina zen, enpresaburu handi askorena, think tank ospetsuek gonbidatzen zuten... Botere horrekin konspiratzen zuen Mohamed bin Salmanen –MbS laburbiltzen du mundu guztiak– gobernuaren kontra, honek boteretik kanporatutako printze eta gainerako aberatsen informazio eta iritziak zabalduz. Twitterren 1,7 milioi jarraitzaile dauzkan gizon zalapartari bat akabatzeko gogorik ez zuen faltako MbSk. Baina Tubaigyren zerrak disidente lotsagabearen haragi-hezurrak adina txirtxilatu ditu printze gaztearen irudia eta erregetza planak, ziurrenik betirako.
Orain zer egin behar du afera odoltsuan sartuta dauden protagonistetako bakoitzak? Kartak ahalik eta ondoen jokatu azkenean nola edo hala borobildu beharko den negoziaketa bati begira.
Musean ari balira, Turkiari MbSren baldarkeriak hiru errege ipini dizkio eskuetan. Erdoganek urrea atera nahi dio aukerari eta bere prezioa eten gabe garestitu du egunez egun, Khaxoggiren sarraskiaren xehetasunak atalka zabalduz hedabideei. Ez da bakarrik Siriako gerra nola amaitu edo kurduei amerikarrek bezala saudiarrek ematen dieten laguntza etetea. Turkiak eta Saudi Arabiak betidanik lehian daukate –Iran alde batera utzita– musulmanen lidergoa, Ankarak otomandarren inperioa gogoan, Riadek Meka eta Medinaren jabegoa erakutsiz.
Donald Trumpi eta MbSri nahastu zaie harreman pertsonalen bidez –Jared Kushner bere suhia tarkeko– Saudi Arabiako agintari berriekin jositako sarea. Saudiak aspalditik dira yanki -en soziorik beharrezkoenak, eta alderantziz berdin. Haiek ez lukete Pertsiar Golkoan zutik bi minutu iraungo hauen sostengu militarrik gabe. Eta amerikarrek dar-dar egiten dute pentsatze hutsarekin zer litzatekeen saudien erabakiz –iturria egokitze kontua da– petrolioa behar baino gehiago garestitzea, edo Teheranen parean Riad balantzaka hastea. Tartean daude saudiarren arma erosketa oso handiak. Horiek horrela, nor ausartuko da Riadi zigorrik ezartzen?
Trump hasieratik saiatu da MbSri krisiarentzako irtenbideak markatzen, Khaxoggirena Riaden kontrolpetik ihes egindako gorilen – rogue killers – astakeria izan dela eta istorio. Aitzakiok egunez egun baliogabetu ditu Erdoganek bere filtrazioekin. Trump bera ere ez dago susmoetatik libre: nola utzi diote erortzen babespean zegoen Khaxoggiri?
Moon of Alabama -ren pronostikoa: "Erdogan bezala Trump edo MbS, tipo gogorrak dira, ez dute errukirik merezi. Khaxoggik ere jende askoren suntsiketan lagundu zuen. Beren artean borrokan ikustea entretenigarria da. Baina gatazka arriskutsua ere bada. Zabaldu daiteke jende askorentzako mingarri gertatzeraino. Zoritxarrez, ez dirudi inor dagoenik tipo horiei zentzuz hitz egin eta gertakizuna lurperatzeko bidean jartzeko gai izango denik. Hasieran uste nuen kasu hau luze baino lehen adostuta itxiko zutela, baina gaur iruditzen zait gatazka aste edo hilabeteetan luzatuko dela, bere inguruan alboko kalteak ugarituz". | news |
argia-1169799977ef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/aukerak-eta-loturak.html | Aukerak eta loturak | Itziar Ugarte Irizar | 2018-10-28 00:00:00 | Aukerak eta loturak
Izaro filmaren kronika. Zuzendaria: Txuspo Poyo. Irailaren 23an, Donostiako Zinemaldian ikusia.
Demagun Zinemaldian ikusiko dituzun pelikulen zerrenda egiten ari zarela, koadernoan aukera interesgarrienak iruditzen zaizkizunen oharrak hartzen, beti aholku bera gogoan: saiatu gero hain erraz ikusiko ez diren lanak aprobetxatzen, pelikula ezberdinagoak harrapatzen. Sarean agertu zaizkizu Izaro-ren lehen aipamenak, eta programazio osoko aukera ezberdinetako bat dirudi Txuspo Poyo artistaren lehen filma da. Leku egin diozu igande bazkalostean, are, Poyo bera bertan egongo bada filma aurkezten.
Bazoaz, film ezberdin bat izango dela kontzientzia hartuta. Leporaino ez, baina bete antzean dago aretoa. Dena esatera, berandu heldu zara, eta ez dizute sartzen utzi Poyok aurkezpena amaitu arte; esan diozu ateko zaindariari, hain justu, hori dela galdu nahi ez duzuna, eta tira, atean zirrikitu bat zabaldu eta hortik kirikatzen utzi dizu. Baina ez da ezer entzuten. "Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da", saiatu da zu lasaitzen langilea. Bukatu du Poyok, utzi dizute sartzen, eta hartu duzu lekua zure ilaran altxarazi dituzunen begiradek kolkoan kolpatzen zaituzten artean.
"Collage bat da, puzzle bat", izan dira artistaren aurreneko berbak emanaldi osteko hizketaldian. Urdaibaiko Izaro irlatik tiraka hasita artistak aurkitu dituen Izaro-ren askotariko esanahiak erakusten ditu lanak: Madrilgo Windsor dorreak, Izaro films ekoiztetxearen 70.hamarkadako zinema puskatzailea, Sevchelles-eko uretan aritu zen atunontzia, Izaro izena duten genero ezberdinetako bi lagun, Bermeoko alkateak irlaren jabetza aldarrikatzeko urtero itsasoko uretara botatzen duen teila… Portaera sozialak, istorio pertsonalak, batzuk gainjartzen zaizkie besteei, eta gurutzaketa horien joan-etorria bihurtu da ordubeteko tartea. Narratiba bat eraikitzeko modu ezberdin bat da zuretzat, begiak ez dituzu bideoartearen hizkuntzara eginda, eta gustatu zaizu ezberdintasuna, ikuslearekiko eskuzabaltasuna, gehiago, agian, goizean film dezente konbentzionalago bat ikustetik zetozenean.
Kontakizunari ahotsa jarri dion Aizpea Goenaga ere bertan izango zela iragartzen zuen programak, baina haren ordez Jaime Cuenca izan da, testuen egilea. Zailena muntaketa izan dela aitortu dute, Izaroren inguruan egindako ikerketa nola formalizatu, horretan jokatu dela borroka. "Ikara diet aukerei", aipatu du Poyok. Eta dena ikusi duzu hor, nola gauzek erakusten dutena dutena baino askoz gehiago ezkutatzen duten, modu batean edo bestean, dena nola lotuta dagoen.
Belarriak zorroztu dituzu irteeran, tenperatura hartze aldera. Urlia, Berendia eta Sandiari entzun diezu, hurrenez hurren: "Martzianada", "Ikaragarria", "Interesgarria". | news |
argia-e9b138671373 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/bea-akizu-eusko-ikaskuntzako-sozio-politika-eremuko-koordinatzailea.html | "Gure lehen kezka da Euskal Herriaren iraunkortasuna XXI. mendean" | Xabier Letona | 2018-10-28 00:00:00 | "Gure lehen kezka da Euskal Herriaren iraunkortasuna XXI. mendean"
Bea Akizuk (Soraluze, 1969) Eusko Ikaskuntzako bi eremu koordinatzen ditu, sozio-politika bata, eta gizartea eta aniztasuna bestea. Antropologoa formazioz, irakaskuntza, musika eta artean ere jardun du hainbat urtez. Erakundeko gainerako kideak bezala Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenean buru-belarri dabil, besteak beste Euskal Herriko Lurralde(ar)en Liburu Berdea-ren gauzatzean. Liburu berde batek gai bati buruz askoren artean egindako hausnarketa biltzen du eta sarri liburu zuriaren atarikoa da, kasu honetan bezala.
Euskal Herriko Lurralde(ar)en Liburu Berdea egin du Eusko Ikaskuntzak. Zergatik?
Duela ehun urte antzeko erronka izan genuen, herri honek bere baitatik egin beharreko hausnarketan laguntzea etorkizun berri bat irudikatzeko. Orduan, oraindik jorratu gabeko bideak irudikatu behar ziren. Gaur, galdera berari erantzun beharrean gaude, baina egoera konplexuago batetik. Gizarte zibil oso aktibatua dugu, ezagutza gune desberdin eta askotan dago, euskal lurraldeak erakundetuta daude… Konplexutasun honi erantzuteko, gure etorkizuna erabakitzeko modu berritzailean erantzutea dagokigu.
Euskal lurraldeen kohesioa eta elkarkidetza ardatz hartuta, 2014an hasi ginen askoren arteko hausnarketa honekin. Hasieratik argi genuen logika gehigarria eta integratzailea aplikatu behar genuela, lankidetzan oinarritutako bidea ireki; begirada poliedrikoa jaso, ezagutza akademikoa eta praxitik datozen ezagutzak bildu. hasi ginen Liburu Berdearen oinarriak jartzen.
Duela 100 urte Euskal Herriko lau diputazioetatik etorri zitzaion enkargua Eusko Ikaskuntzari. Orain nondik datorkio bultzada?
Eusko Ikaskuntzaren sorrera orduko elite sozialak, politikoak eta kulturalak bultzatu zuen lau diputazioen babesa eta zaintzarekin batera. Eusko Ikaskuntzaren kapitala pertsonak dira eta erakundeekin duen lotura. EIren potentzialitaterik handiena da pertsona desberdinen arteko solaserako esparruak eraikitzeko ahalmena eta duen lurraldetasuna izaera –lurralde guztietan ondo kokatua dago eta begirunez hartzen da historian egin duen lanagatik–. Liburu Berdean ikuspegi desberdinak metatu ditugu hainbat esparruren bueltan. Pertsonetan oinarrituta, eragile eta erakundeen arteko konfiantza kateak bideratzean dago gure arrakasta.
Beraz, Euskal Herriko esparru sozio-politiko eta kultural ugarietako pertsonak daude lanean Liburu Berdean.
Halako hausnarketetara datozen lehenak dira Euskal Herria subjektu gisa hartzen dituzten sektoreak. Geruza gehiagotara zabaldu behar dugu, baina ari gara apurka. Askotariko fosilizazioei egin behar diegu aurre; politika egiteko era, ezagutza sortzeko eta zabaltzeko era… askoren artean ekin behar diogu gure etorkizunari, deliberazio esparru estrategiko berritzaileak sortuz eta taktikak beste eszenatokietan landuz.
Garrantzitsua da baita ere lurralde guztien narratiba biltzea. Askotan hitz egiten dugu Euskal Herriaz, baina bizkaitarrismotik edo EAEzentrismotik. Bakoitzak bere nortasuna du eta guztien artean elkar aberasten dugu.
Liburu Berdearen helburuetako bat da lurraldearen demokratizazioan sakontzea. Non dira horretarako klabeak?
Herritarren ahalduntze politikoa, deliberazioa, berdintasuna, bermea, behetik gorako erabakimena… Demokratizazioan oinarritutako gobernantza eredu berria sortzeko, herritarrek jarrera demokratizatzaileak sustatzeko, gizarte zibilak eta erakundeek egin behar dituzte euren deliberazio prozesuak, denon artean trukatzeko eta elikatzeko. Inteligentzia kolektiboa aktibatuko duen prozesu sakonaren aldeko apustua egin beharrean gaude.
Argazkia: X. Letona
Liburuaren sarreran deigarria egin zait honi guztiari erreferentzia egiten dion puntua hasiera samarrean egon beharrean 21. puntuan dagoela, Herritartasuna izenburupean.
Ordenak ez du garrantzirik lan honetan, osagai eta ikuspuntu oinarrizkoenak biltzea da inportanteena. Lau poltsa nagusi ditugu. Poltsa bat da nortasun anitzeko gure jendartea: zer gara eta zer nahi dugu izan? Nola eraiki proiektu partekatu bat? Nola sendotu herritartasuna? Beste bat lurraldea eta lurra: nolako harremana nahi dugu beste lurraldeekin, nola trinkotu harremanak? Hirugarren bat sozio-ekonomia da: sortu-banatu horretan, zer eta nola? Ze ongizate eredua behar dugu? Eta laugarren bat demokratizazioan oinarritutako gobernantza da: zer harreman nahi dugu estatuekin? Europarekin? Zer nolako demokratizazio prozesuak behar ditugu aktibatu globalizazio prozesuari eusteko?
Eta honetan guztian ba al dago kezkarik Euskal Herriaren ideiaz? Euskal Herria indartzen edo ahultzen ari ote den?
Bai, gure prozesua 2014an Iruñean, Baionan eta Durangon gauzatutako dinamika parte-hartzailean oinarritzen da. Orduan bildutako eragileek eta herritarrek identifikatu zituzten erantzun beharreko kezkak eta erronkak. Lehen kezka zen Euskal Herriaren iraunkortasuna XXI. mendean eta hori sostengatzeko adarrak: sozio-ekonomia, sozio-politika, euskara eta errealitate sozio-kulturala. Beti geroa eraikitzeari begira.
Hego Euskal Herria frankismotik atera zenean ere hori zen kezka nagusietako bat. Orduan abiatu ziren Gernikako Estatua eta Foru Hobekuntza. 40 urtetan behar bezala baliatu dira tresna horiek Euskal Herriaren errealitatea sendotzeko?
Horren inguruan hainbat iritzi egon daitezke. Tresna horiek eman dizkigute gure autogobernurako bide bat Hegoaldean, aurrerapauso handiak eman dira eta oraindik badute potentzialitate handia. Baina, orduan egin zen bezala, orain ere posible ote dugu beste aurrerapauso bat eman? XXI. Mendeak planteatzen dizkigun erronkei erantzuteko, gero eta beharrezkoagoa ikusten da eredu eta marko berrien premia. Batez ere demokratizazioari begira eta, honetan, gakoak dira herritarren borondatea errespetatzea eta lurralde bakoitzaren erritmoa kontuan hartzea. Esate baterako, Europari begira, berau egituratzeko printzipioak herritarrak eta herriak ziren, baina gero estatuen eta merkatuen Europan bilakatu da. Beraz, erakutsi diezaiokegu Europari hasierako printzipioetan oinarritutako beste harreman mota bat posible dela?
Euskal Herrian askok pentsatzen du lurralde administratiboen zatiketa horrek ekarri duela bakoitza berean zentratzea eta ikuspegi orokorra galtzea.
Kezka hori ere atera da. Sektorekako hainbat harreman badira, baina gero ez dugu ahalmenik –gure beldurrak ere hor daude– beste erabateko lotuneak sortu eta hainbat esparru trinkotzeko. Hainbat klusterretan badira loturak, euskalgintzan ere bai… baina dugun kultura politikoak ez digu lagatzen pentsatzen maila instituzionalean ere beste modu batera aritu daitekeenik. Horregatik ematen diogu indarra gizarte zibilari, herritarrak, erakundeak eta akademia herri proiektu klabean aktibatzeari.
Komunikazioaren esparrua gaur egun giltzarritzat jotzen da herri baten nortasun osagaiak eraikitzeko. LARRUN honetan Josu Amezagak dioenez, ez dago nazio komunikazio espaziorik Euskal Herrian. Oso ahulak gara alde horretatik.
Hala da, bai. Komunikazio sistema sendo bat gakoa da elkar ezagutzeko eta dugun agenda komunikatiboaren hegemonia apurtzeko. Euskal Herria desagertu egiten da eskaintzen diguten agenda horretatik, lurraldeen eta ikuskeren arteko gatazkak elikatzeko agendak dira eta ez lotuneak, zoru komunak eta proiektu partekatuak osatzen lagunduko digutenak. Kohesio bideak irudikatzen laguntzeko erantzukizun izugarria dute komunikabideek.
Ardura instituzionala dutenen artean, ba al da borondaterik komunikazio esparru hori eraikitzeko? Esparru horretan gabiltzanok sarri boluntarismo ariketa handia egin behar dugu hori sinesteko.
Hala da bai. Baikorragoak garenok badakigu maratoian gaudela, baina ez zenbat kilometroko maratoia den. Zaila da eta gainera ohituta gaude halakoei gure gotorlekutik erantzuten. Komunikazioa esparru garrantzitsuetako bat da, hezkuntza sistema beste bat, unibertsitatea… Ongi gaude, aurrerapauso handiak eman dira, baina krisialdia hor nabaritzen da. Erakundeek berritzaileak eta oso ausartak izan behar dute. Ohikoan gizarte zibila erakundeen aurretik dabil. Horregatik, sinetsi behar dugu gizarte zibil sendo batek lagunduko diela erakundeei beldurrak uxatzen eta eraberritzen. Ezin dugu erakundeen tokia hartu, ezta haiek bortxatu, bakoitzak gure betebeharrak eta erritmoak ditugu, baina ausartak izatera lagundu bai.
Azken 40 urteetan ez gara gai izan festa bateratu bat egiteko Euskal Herrian, ezta liburutegi nazional bat ere, estatistika erakunde instituzional bateratua… eta berdin herri baten nortasun bateratua eraikitzeko beste hainbat alorretan. Maratoi latza aipatzen duzuna.
Bai, eta berau egiteko klabea da ulertzea hori askoren arteko lana dela. Euskal Herriari begira lan egiten duenak zailtasun handiak ditu datu bateratuak eskuratzeko, erakunde bakoitzaren diru-laguntzetan arakatzeko, bestelako deialdiak oso egituratuta daude euren esparruetan eta oso zaila egiten da handik harantzago joatea, dauden tresnak ez daude prestatuta osotasuneko logika horri erantzuteko.
Ezaguna da ur berotan dagoen igelaren kasua, apurka berotzen da hura eta igela goxo, baina ohartu orduko ura gehiegi berotu da eta igela hil. Ba al da halako arriskurik Euskal Herriarekin?
Kezka hori da, eta lortu behar dugu kezka horretaz gizartea ohartaraztea. Guk nahi dugu herritarrak bere barneko indarrak aktibatzea, ohartaraztea bere ongizatea nortasun kolektiboa aktibatzetik datorrela eta horrek, gainera, lagunduko digula Europan eta munduan kokatzen. Liburu Berdearen prozesuan ari garenak hainbat ikuskerakoak gara, baina hortaz jabetzen gara, partekatzen dugun zorua da. Gizartea ez dago lo, baina konektatzea falta zaio.
Baina ez gaitezen engaina, botere politikoa klabea da Euskal Herri mailako edozelako proiektu eraikitzeko. Erabiltzen ari gara dugun botere politiko hori norabide horretan?
Hori da kontua. Lurralde desberdinetako gizartean botere maila bat duten eragileak bildu eta elkarrekin solasean jartzen ari gara eurentzat ohikoa ez den eszenatoki batean, eratzailea izan daitekeen herri proiektu baterako oinarriak eztabaidagai hartuta.
Eta ba al dute horretarako borondaterik?
Intentsitate desberdinarekin, baina bai. Liburu Zurirako planteatuko ditugun oinarriak norabide horretan doaz, indar politiko horiek elkar lanean jartzera. Abiadura desberdinak egongo dira, ekimen batzuk geldoagoak, baina izan behar dira praktikara ere eramateko moduko ekimenak. Ideia edo ekimen batzuk izango dira politika publikoetan berehalakoan abiarazteko modukoak eta beste batzuk konfiantza, sareak eta harremanak garatzeko bideak.
Liburu Zuriaren oinarrietan hitz egiten da epeen gainean?
Finkatuko dira halakoak, baina gure Liburu Zuria batez ere maratoiarekin lotua dago. Liburu Zuria ez dator inongo instituzioren enkargutik, gizarte zibiletik dator eta oraindik lokarri eta sinergia ugari lotzeko ditugu. Baina lortu dugu izaera, lurralde eta jatorri ezberdinetako mila pertsona aktibatzea hausnarketa prozesu honetan, eta hori asko da. Liburu Zuriak konpromisozko oinarriak izango ditu.
Liburua bera noizko bukatu nahi da?
Aurten landuko duguna 2019an gauzatzeko modukoa izango da. Gai batzuek epe luzera begiratuko dute. Kulturaren arloa eta hezkuntza sistema ez ditugu asko sakondu oraindik. Baina gobernantza demokratikoa, ongizate eredua, aniztasunaren kudeaketa eta euskaraz bizi nahi duen komunitatearen alorrean, adibidez, agenda konprometituak sortuko dira, arkitektura eta bide-orri batekin. Uste dut aurten aterako denarekin izango dugula hiruzpalau urterako bultzada, gero beste aurrerapauso bat eman beharko da, etengabeko konplizitateak kateatuz. | news |
argia-b92b6fa4fb08 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/lehen-mundu-gerraren-amaiera.html | Menderatuak bai, asimilatuak ez | Urko Apaolaza Avila | 2018-10-28 00:00:00 | Menderatuak bai, asimilatuak ez
Ehun urte beteko dira azaroaren 11n Lehen Mundu Gerra amaitu zela Europan. Hark utzitako zauri eta arrakalak oraindik agerian ditugu gurean eta kontakizun historiko ofizialari aurre egiteko antolatu dute 1914-1918 euskal oroitzapena itzaletik argira ekitaldia Baionan.
Lehen Mundu Gerran euskaldunek izan zuten ezkutuko historia kontatzea da Baionan antolaturiko ekitaldiaren helburuetako bat, baina ez hori bakarrik: "Hau ez da Gerla Handian gertaturikora mugatzen –dio Ibai Telletxeak–, mendez mende bi estatuen [Frantzia eta Espainia] armetariko bat luma izan da eta hori erabili dute gure herriaren gertakizun historikoak kontatzeko". Telletxea Lapurdi 1609 elkarteko kidea da, ekitaldiko antolatzaileetako bat Epaiska, Bertsularien Lagunak, Zizpa Gaztetxea eta Bernat Etxepare Lizeoarekin batera. Azaroaren 10ean Herri Omenaldia egingo dute Baionako antzokian eta han izango dira bertsolariak, kantariak, musikariak… 1914 eta 1918 arteko gertaeren erreprodukzio antzeztua ere egingo dute, besteak beste.
"Etnozidio" hitza erabiltzen du estatu horiek genozidioarekin batera erabilitako estrategia deskribatzeko –berezitasun kulturalak sistematikoki deuseztatzea alegia–, berdin XVII. mendeko sorgin ehizan herritarrak erre zituztenean nola XVIII.eko Konbentzio Gerran Landetara edo Gersera masiboki deserriratzerakoan. "Ezinbestekoa dugu hori jakitea irakurketa sinplistetan ez erortzeko", dio; euskaldunek Amerikara "oso langileak" zirelako emigratzen zuten usteaz mintzo da, besteak beste.
Datuak eskuan, ikus daiteke XX. mende hasieran armen hartzera deituriko euskal herritarren frantziar sentimendua ez zegoela erroturik: gerrako intsumitu kopurua %1,5ekoa zen Estatu osoan, Euskal Herrian aldiz %20koa. Behe Pirinioetako prefetak Barne ministroari gutun bidez esan zionez, "euskaldunek duten jarrera higuina, soilik esplikatu daiteke duten mentalitate berezi horretan, askok, sortu eta ikusi duten lur puska hori kontsideratzen dute beraien aberri bakarra".
Ez ziren hain urrun Frantziaren menpeko herriek nolabaiteko burujabetza zuten garaiak, Lapurtarren Biltzarra eta antzeko erakundeekin. Hala, Parisetik estatu zentralizatu baten gisan erabakiak hartzen hasi zirenean –derrigorrezko zerbitzu militarra kasu– ezinegon handiak sortu ziren. "Horregatik guztiagatik erraten dugu euskaldunak ez zeudela ideologikoki menderatuak", azaldu du Telletxeak.
Euskaraz baizik ez zekiten
Agintariek aspaldi zekiten eskola zela "euskaldunak frantsesteko modurik eraginkorrena"; hitz horiek erabili zituen Mauleko suprefetak jadanik 1802. urtean. Frantsesa jakitea zibilizazioari eta ez jakitea basakeriari lotzen zitzaion ideia hedatuz joan zen –are gehiago Jules Ferry ministroaren 1881eko legeak hezkuntza doakoa, laikoa eta derrigorrezkoa bihurtu zuenetik–; euskarazko liburuak debekatu eta gure hizkuntzan nahiz bretoieraz hitz egitea "tua lurrerat botatzea" bezala zela helarazten zitzaien ikasleei.
Baina, likidazio ahalegin horien gaindi, XIX. mende amaieran euskal herritarren gehiengo handia oraindik euskalduna zela diote ikerketek. Zergatik? "Iritsi zen momentu bat, eskolara joaten ziren haurrak ikas-materialik gabe geratu zirena –dio Lapurdi 1609ko kideak–, gehienek euskarazko liburuak zituzten [erlijioari lotuak], baina hauek debekatzerakoan frantsesezko liburuen eskasiaren ondorioz etenaldi luze bat egon zen alfabetizatze prozesuan".
Horrela uler liteke Euskal Herrian analfabetoen maila Biarnoa eta inguruko beste eskualdeetan baino askoz altuagoa izatea, herritarren hiru laurdenera iristen zen zenbait tokitan. Historikoki, euskaldunari sinetsarazi izan zaio euskara hitz egiteagatik zela –Telletxearen aburuz "menperatzaileak koska bat igo zuen euskaldunen asimilazio prozesuan"–, baina egiaz euskaraz alfabetatzea ukatu zitzaiolako sortu zen egoera hori.
Lehen Mundu Gerra iritsi zenean gehiengoak segitzen zuen euskaldun elebakar izaten, Gorka Knörren kantuak dioen gisan: " Eskuara baizik ez zakiten haiek… ". Bretoien artean ere elebakarrak bazeuden, eta badakigu haietako bat fusilatu egin zutela gerratik libratzeko auto-mutilatu egin zelakoan, bere burua frantsesez defendatzeko berbak ezin aurkiturik. Alferrik aurkituko duzu kobarde horren izena Morts pour la Patrie monumentuan, gogorarazi zigun Pello Zubiriak ARGIAko blogean .
Paradoxikoki, gudaldia hasi zenean, euskara erabili zuten frantziar abertzaletasuna sarrarazteko, bereziki Eskualduna astekariaren bidez – Eneko Bidegain kazetariak bere tesian xeheki aztertua – eta erlijioaren izenean: "Jainkoa Frantziaren alde zegoenez, haren alde hiltzea zilegi zen", dio gure mintzaideak. 1914an Baionako katedralean boz goran aritu zen François-Marie Gieure apezpikua: "Jauna, zure begiak amultsuki jauts ditela Frantziako armadaren gainerat".
Ezkutuko biografiak
158 herri daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta 158 oroitarri paratu zituzten 1920. urtetik aitzina "aberriaren alde" hildakoak ohoratzeko, mezu inplizitu bakarrarekin: maitatu Frantzia zure herria maite duzun bezala. "Hori da ttipitatik ikusi dugun errealitatea eta azaroaren 11 oro ikusten duguna, belaunaldiz belaunaldi transmititu nahi digutena".
Ondoren datozenei kontakizun hori ezin zaiela utzi deliberatuta antolatu dute 1914-1918 euskal oroitzapena itzaletik argira ekitaldia hain zuzen, eta ez hori bakarrik, ekitaldia grabatu eta liburu bat ere argitaratzekotan dira Telletxeak kontatu digunez, "belaunaldi berriek orain arte ukan ez duten dokumentu pedagogiko bat izan dezaten esku artean".
Ibai Telletxea
(Lapurdi 1609 elkartea):
"Ekitaldia grabatu eta liburu bat argitaratuko dugu, belaunaldi berriek orain arte ukan ez duten dokumentu pedagogiko bat izan dezaten esku artean"
Jakin bai baitakigu zein zen Ohorezko Legioko domina jaso zuen Jean Ibarnegarai garaztarra , badugu Joseph Apeztegi Kanboko Xikitoa pilotariaren gerrako balentrien berri, eta hitz egin digute Georges Clemenceau politikariaren erabakiek gerra "irabazteko" izan zuten garrantziaz. Baina apenas iritsi zaigu anonimotasunera kondenaturiko beste jende baten arrastorik. "Zergatik ote? Kasualitatea? Lumari tindua bukatu ote idazten segitu ahal izateko?" galdetu dute azaroaren 10eko ekitaldiko antolatzaileek aurkezpen testuan.
Pierre Etxeberri Izpurakoa zen. Gerrara bortxaz eramana, bere burua obusetatik salbatzeko lubakietatik oihanera ezkutatu zen, hurrengo egunean infanteria erregimendura itzuli zenean "etsaiaren aurrean eskapatzea" egotzita fusilatu zuten. Haren izenik ere ez duzu aurkituko Izpurako oroitarrian. Ezta Koxe Maisterrena intsumisoaren eta bere lau anaien izenik ere Uztaritzekoan. Mixel Dargaitz ere desertore bilakatu zen Sara jaioterritik Amaiurrera muga igaro zuen une berean: Nik zertarako joan behar nuen / gerlara Euskal Herrietatik / zazpiak bat izan baginan / etzegoan horlakorik bota zuen bertsolariak 1936ko txapelketako finalean.
Halako ezkutuko biografiekin erakutsi nahi dute Baionan "menperatuak izanik ere, asimilatuak ez gaudela". | news |
argia-1419b5523f1a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/feminismo-antifaxistaren-beharraz.html | Feminismo antifaxistaren beharraz | Maria Colera Intxausti | 2018-10-28 00:00:00 | Feminismo antifaxistaren beharraz
1934an idatzitako testu batean Karl Polanyi hungariar antropologo eta ekonomialariak azaldu zuen moduan "demokraziaren eta kapitalismoaren bateraezintasunaren ondorioz sortzen da faxismoa", hau da, kapitalismoa krisian sartzen denean eta demokrazia liberala eta langileok dauzkagun eskubidetxoak bere metaketa-prozesu asegabeari eusteko oztopo bihurtzen direnean, autoritarismoaren eta faxismoaren bidea hartzen du estatu kapitalistak. Prozesu horretantxe murgilduta gaude aspaldi honetan.
Krisi kapitalista horren ondorioetako bat dugu zerbitzu publikoen eraispen orokorra. Zerbitzu horiek eraistearekin batera, baina, zaintza-behar sozialak ez dira desagertzen: eremu publikotik pribatura eramaten dira eta, horrekin batera, emakumeak etxera bultzatzen dira, sozializatuta zeuden lanok doan egin ditzaten. Horri erantzuten dio azken garaiotako politika familisten revival -ak eta emakumeok etxerako diziplinatzea xedetzat daukan "emakumeen aurkako gerraren" gordintzea.
Testuinguru horretan ari dira loratzen alderdi ultraeskuindar eta faxistak mendebaldeko herrialdeetan: Tyahnybok Ukrainan, Trump AEBetan, Salvini Italian, Bolsonaro Brasilen… G
Vox-ek emakumeoi opa diguna: indarkeria matxistari buruzko legea indargabetzea, abortu-eskubidea ezabatzea, haurren zaintza partekatu automatikoa...
uztiek ere objektu soiltzat gaituzte emakumeok, faxismoak eta eskuin muturrak oso rol zehatzak baitauzka sexu bakoitzarentzat: pitzadurarik gabeko gizontasun bortitza gizonentzat eta "etxeko aingeru" espeziearen ugaltzailea emakumeontzat. Gure bazterrotako alderdi neofaxistaren programak ere eduki misogino nabarmena dauka. Hona Vox-ek emakumeoi opa diguna: indarkeria matxistari buruzko legea indargabetzea, abortatzeko eskubidea ezabatzea, haurren zaintza partekatu automatikoa, parekidetasun-kuotarik ez, borroka feministaren estigmatizazioa…
Joan den mendeko 30eko hamarkadan faxismoa Europa osora zabaldu zenean, emakume komunistek bultzatuta Parisen sortutako Gerraren eta Faxismoaren aurkako Emakumeen Nazioarteko Batzordeko kideek argi ikusi zuten faxismoak arrisku bizia zekarrela emakumeontzat eta ezinbestekoa zela borroka feminista eta borroka antifaxista uztartzea. Orain ere hil ala biziko kontua dugu bi borroka horiek uztartzea, eta Martxoaren 8ko emakumeen grebarako manifestuetan faltan botatzen dira feminismo antifaxistari buruzko erreferentziak, egungo egoera gero eta larriagoa ikusita. Ildo berean, gaitz bati aurre egiteko garaian beharrezkoa da diagnosi egokia egitea sintometara mugatu gabe eta, hasieran genion bezala, ezin ahaztu dezakegu kapitalismoak estu eta larri dabilenean darabilen tresna dela faxismoa. Beraz, egungo oldarraldi neoliberal misogino ultra-ri aurre egiteko nahitaezkoa izango da, manifestazio feministetan darabilgun leloari jarraiki, "kapitalismoaren eta patriarkatuaren aliantza kriminala"-ri aurre egitea eta borroka feminista eta borroka antifaxista uztartzea. | news |
argia-d9d6548d811d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/mallorcako-tot-inclos-kolektiboa.html | "Turismoak ezin du inolaz ere jasangarria izan" | Maddi Txintxurreta | 2018-10-28 00:00:00 | "Turismoak ezin du inolaz ere jasangarria izan"
Tot Inclòs kolektiboa 2014an turismoak Balear Uharteetan eragiten dituen kalteei buruzko monografikoak kaleratzen hasi zen urtero, eta lau aleren ostean, ikus-entzunera salto egin dute, Tot Inclòs. Danys i conseqüències del turisme a casa nostra dokumentalarekin. Irailaren 27 estreinatu zuten Palman, Turismoaren Nazioarteko Egunean, proiektua Goteo plataformaren bidez finantziatu eta urte eta erdiko lanaren ondoren. Artxipelagotik kanpoko lehenengo proiekzioak Bilbon eta Donostian egin dituzte. Urriaren 11tik 14ra antolatutako Autogestio Udalekuetan parte hartzeko proposamena luzatu zieten Hotel + Ez kolektiboak eta Urgulleko Guardetxean aurkeztu zuten lana Tot Inclòseko kide batzuek. Horietako birekin, Bernat Amorós eta Jaume Mesquidam Balearretako turistifikazioari buruz solastu gara.
Zer dela eta egin duzue salto paperetik ikus-entzunezkora?
Bernat Amorós: Uste genuen paperean egiten genuena pantailara eramanez gero jende gehiagorengana iritsiko zela, herri eztabaida sortu nahi genuen. Eta sortzen ari da, egin ditugun aurkezpen guztietan aretoak bete baitira.
Zer lortu nahi duzue dokumentalarekin?
B. Amorós: Turismoaz dagoen kontsentsu soziala apurtu nahi dugu, diskurtso propioa sortu eta berau herri mugimenduetan txertatu. Jendea haserretzea nahi dugu, eta horretarako datu objektiboak eta esperientzia pertsonalak erakutsi ditugu dokumentalean.
Bilbora eta Donostiara etorri zarete zuen lana aurkeztera. Antzeman duzue antzekotasunik Balearretako eta Euskal Herriko egoeren artean?
B. Amorós: Antzekotasunak ikusten ditugu turismoaren industriak "kalitatezko turismoaren" alde egiten duen defentsan. Turismoarekin etekinak ateratzen dituzten pertsonak egoteak ez du justifikatzen baliabideen, lurraldearen eta bizilekuaren kontsumoa. Turismoa ez da sekula jasangarria izango; klima aldaketan gehien eragiten duen industrietako bat da, ur gehien kontsumitzen duena, lur gehien okupatzen duena eta lan prekarioen behar handiena duena. Donostian atentzioa eman digu gentrifikazio mekanismoak berdinak direla: komertzioen eraldaketa, bizitokiak alokairu turistikoengatik ordezkatzea eta abar. Desberdintasun nabarmenenak oposizioan somatu ditugu: badago sare asoziatibo bat eta Mallorcan existitzen ez den borroka tradizio bat.
Jaume Mesquida: Guk abisatu egiten dizuegu, badakigu noraino heldu daitekeen bide hau, ez zaitezte iritsi gu gauden puntura, egin erresistentzia.
Nola iritsi gara honaino? Dokumentalean aipatzen duzue Balearretako turismoak jatorri frankista duela.
B. Amorós: Mallorcako industria turistikoak nazioarteko merkatu kapitalistara sartzeko balio izan zion estatu frankistari. Amerikako Estatu Batuek eta Munduko Bankuak milioiak inbertitu zituzten Palmako aireportua finantzatzeko, zeina neurriz kanpokoa baitzen Mallorca bezalako lurralde baterako; egiatan, Europako buxatuena da. Nazioarteko merkatuak Mallorca erabili zuen, langileak trebatu gabe, dibisak lortzeko tresna gisa, eta horrela erregimen frankistari errentagarritasuna eman zion, 1936ko Gerraren osteko egoera autarkikotik ateraz. Ez gara kontziente zein puntutaraino izan garen lurralde giltzarri bat XX. mendeko kapitalismoarentzat. Kapitalismoak, bizirauteko behar horretan, lurraldeetara egokitzeko duen gaitasunaren froga da turismoa.
J. Mesquida: Mallorca esperimentu bat izan da. Landa-mundutik bizitzetik etengabe hazten ari den turismora igaro da, eta azkenengo bi urteetan okerrera egin du egoerak. Digeritzeko zaila den kritika egiten dugu, turismoa oso hegemonikoa baita, eta badirudi jaten ematen digun eskuari hozka egiten diogula, baina pedagogia egin behar da.
"Hotel bat, 100 auzokide gutxiago" dioen pintada Mallorcako hotel batean.
Hiruko gobernu ustez ezkertiarrak (PSOE, MÉS eta PODEM) PPko José Ramón Bauzáren gobernua ordezkatu zuen 2015ean. Izan al da aldaketarik turismoaren erregulazioari dagokionez?
B. Amorós: Ez. Egiatan, gobernu aldaketaz geroztik sekula baino hazkunde handiagoa izan du plaza turistikoen eskaintzak, lurraldearen suntsipenak bere horretan jarraitu du, eta baliabide natural gehien kontsumitu den garaia izan da. Urtero errekorrak hautsi dira: lan prekarietatea, per capita errentarik baxua, hegazkinen trafikoa eta zaborraren produkzioa.
J. Mesquida: Gainera, turismoaren aurka gauzatu ditugun erresistentziei bortizki egin diete eraso.
Zer erresistentzia egin duzue herri mugimenduetatik?
B. Amorós: Adibidez, "girien bide" bat antolatu zen, turisten ibilbide kontsumisten zentzugabekeria parodiatuz, pintadak egin dira, Arran taldeak koloretako kearekin ekintza bat egin zuen kaian. Orain gutxi, Palmako Alde Zaharreko hotel garrantzitsuenetan pintadak egin zituzten, eta hurrengo goizean elkarretaratzea aireportuan; eraikuntza proiektu batzuk saboteatu dira, besteak beste. Bestalde, GOB eta Terra Ferida bezalako talde ekologistek datuen dibulgazioan jarri dute fokoa. Frogatu dute azkenengo 60 urteetan aurreko 4.000tan baino gehiago eraiki dela artxipelagoan, adibidez.
Nor aberasten du turismoak?
J. Mesquida: Fluxá, Escarrer, Meliá eta Barceló familiak aipatzen ditugu dokumentalean. Turismoak sortzen duen dirua esku gutxitara iristen da, eta dirua jasotzen dutenek paradisu fiskaletara jotzen dute, irlak ia ez du irabazirik jasotzen.
Kolapsoa hurbil dago?
B. Amorós: Industria ezegonkorra da; petrolioaren prezioaren igoerak, klima-aldaketak edo krisi finantzario batek sektorea txikitu dezake. Noski, egoerari aurre hartu behar diogu jada, kolapsoa berehalakoa baita. | news |
argia-916cde248a3c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/eskola-onaren-dekalogoa.html | Eskola onaren dekalogoa | Ane Ablanedo Larrion | 2018-10-28 00:00:00 | Eskola onaren dekalogoa
1. Eskolak utzi egin behar dio hezitzaile izateari, kontzeptua baserri giroan eman ohi zaion adieraren arabera ulertzen badugu, bederen. Mahai-inguru batean erraten entzun nionez, kezkatzekoa zaio Itxaro Bordari hezi aditzarekin izendatu izana haurrei eskolan eskaintzen zaiena, hezteko behar izaten den biolentzia inplizituagatik.
2. Duen sakoneko (eta benetako) esanahiari men, inausketa du heziketak haurraren izaeran burutzen, bere natura otzanduz, burujabe izateko duen berezko gaitasuna hutseratuz. Haurrak modelatzeko joera horri ihes egin nahi dion eskolak, askatasuna ezarri beharko du heziketaren tokian. Ez dadila saiatu haurraren natura modelatzen edo gure moduetara egokitzen.
3. Horretarako, errotik erauzi behar du direktibotasuna. Zeren harreman osasungarri baterako abiapuntu egokia iruditzen al zaizue beste baten gainean gidari gisa ezarri nahi izatea? Bada, haurrei ere utzi egin behar zaie beren urratsen egile izaten eta beren bizitzari dagozkien erabakiak hartzen.
4. Direktibo izateari uzteko, baina, haurrenganako konfiantza berreskuratu beharra dago. Lasai egon, haurren baitan berezkoa da-eta ikasteko eta hazteko bulkada, oso bizirik daudelako, eta bizirik egotearen ondorio naturala baino ez delako ikastea. Lur egokia aurkituz gero, naturak guretzat programatutako guziaren loratzea denbora kontua baino ez da.
5. Ez irakatsi. Zugan dagoena erakutsi, maite duzuna edo dakizuna, baina ez behartu inor hori barneratzera. Hasteko, inposaketa beti delako gauza itsusia, baina gainera, ikasketa ez delako inposatzen ahal, norberak duelako erabakitzen zer ikasten edo barneratzen duen. Norbere interesetatik abiatzen ez den ikasketa ez da inoiz esanguratsua.
6. Eta orduan, zein izanen da helduen egitekoa, irakasle eta haurren bideratzaile edo gidari izan behar ez badute? Bada, haurren bidelagun bilakatu. Bidea haur bakoitzarena izanik ere, gure presentzia ezinbestekoa delako haurrak emozionalki eta fisikoki seguru sentiarazteko, erabateko heldutasuna lortu bitartean lagunduak izateko.
7. Ez finkatu denendako curriculumik. Egonen dira denek ikasiko dituzten gauzak –idazten edo irakurtzen, adibidez– behar-beharrezkoak izate hutsagatik denei eginen zaielako uneren batean horiek ikasteko gogoa. Baina gainerakoan, jakintza-ibilbide propioa egiten du pertsona bakoitzak, interes eta dohain beti partikularren arabera. Denok ez ditugu zertan gauza berdinak jakin.
8. Eskola-komunitatea osatzen duten pertsonen arteko harremanen nolakotasunari behar zaio batez ere arreta jarri, bere funtzionamenduaren bitartez munduan kokatzeko modu bat duelako inplizituki erakusten. Oraingo eredua, sistema autoritario baten biziraupenerako funtsezko pieza da, erraietan berean txertatzen baitigu gidariaren beharra, uneoro adieraziko diguna zer egin, nola, noiz eta norekin.
9. Eskolak ez ditu haurrak homogeneizatu behar, sakratua baita haur bakoitzaren berezitasuna. Horregatik, ez da komeni haurrak adinaren arabera taldekatzea, artifiziala izateaz gain –komunitate naturalak adin ezberdineko pertsonek osatuak dira– haur orori eskakizun bera egitea suposatzen duelako, lehiakortasuna sustatuz eta haurren erritmoa ezinbestean bortxatuz.
10. Eskola-arrakasta zer kontsideratzen duen gogoeta sakona egin beharko du haurren lagun ona izan nahi duen eskolak. Orain eta hemen, oso eztabaidagarria den sistema baten eskakizunei men egiteari esaten zaio. Bereak alde batera utzita, beste baten interesei egokitzen jakiteari, horretarako beharrezkoa den profil psikologiko zehatza garatzeari. Eta hori, noski, ez da kalterik gabekoa, ez eta doakoa. Haur batzuren pasibitatea eta errebeldia beren izatearen kontra egiten duen sistema baten kontra erresistentzia egiteko modua baino ez da. | news |
argia-0fc834db8d96 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/britannicak-ez-ditu-kritikak-ondo-jasotzen.html | Britannicak ez ditu kritikak ondo jasotzen | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-10-28 00:00:00 | Britannicak ez ditu kritikak ondo jasotzen
1959tik hasita, Harvey Einbinder (1924-2013) fisikariak bost urte eman zituen Encyclopaedia Britannica goitik behera miatzen akatsen bila.
Akatsak topatu zituen, zehatzak ez ziren datuak, baina baita iritziak eta ikuspegi lerratuak ere. Entziklopediari egin zion kritika nagusietakoa izan zen publiko estatubatuarraren nahiak asetzera bideratuta zegoela –gogoan izan 1901ean Britannica AEBetako enpresa batek erosi zuela–. Eta berrikuntza zientifikoak berandu jasotzea ere egotzi zion fisikariak.
Einbinderrek bere sarrera du Wikipedian. Britannicari buruzko Wikipediako sarreran ere haren berri jasotzen da. Baina entziklopedia britainiar ospetsuan ez da bere izena aipatu ere egiten. | news |
argia-8ccbf6bdc94c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/etxe-galdua.html | Etxe galdua | Karlos Zurutuza | 2018-10-28 00:00:00 | Etxe galdua
Gerra zibila bukatu eta zazpi urtera egoera oso larria da Libian. Estatua ez ezik, herria ere galdu dute libiarrek.
Ez Tunisiak, ez Egiptok ezta Siriak ere ez zuten hainbeste ordu bereganatu 2011ko albistegietan. Urte luzez itxita egon zen herrialdea erditik zatitzen ikusi genuen, eta Prime Time -ean: Mad Max en itxura zuten matxino andana batek "Jainkoa da handiena" oihukatzen zuen; lubakiaren beste aldean, komikietako bilau bat. Telebistarako entretenimendu hutsa zen hura.
Errealitatearen lehen zaplastekoak Tripoli erori eta berehala jaso genituen: beltzen uxaldiak –denak "Gaddafiren mertzenarioak" omen ziren– edota Gaddafiren jarraitzaileenak. NATOren bonbardaketak ere ezin ahaztu. Ustezko iraultza haren baieztapen ofiziala, gerra amaiera irudikatu behar zuen agerraldian jaso genuen: gobernu berriak aztertuko zuen lehen neurria zera zen, poligamia arautzen zuena. Gaddafiren garaian legezkoa zen, baina emazteak sinatutako baimena behar zuen senarrak bigarren aldiz ezkondu ahal izateko. Trantsizio Gobernuko buru Mahmud Jibrilek argitu zuen neurria: handik aurrera ez zen ezinbestekoa izango emaztearen adostasuna bigarren edo hirugarren bat etxera eraman ahal izateko. Libia berriaren agintari berriak Tripoliko gaztelu gorriko balkoitik bota zuen "perla" hura, herrialdearen edota gizarte zibilaren berreraikitzea aipatu aurretik. Egun gutxira Gaddafiren lintxamendu basatia ikusi genuen, ia zuzenean. Eta horrela bukatu zen Libiako gerra hura telebistan.
2012an Libiako lehen hauteskunde orokorrak antolatu zituzten. Egipton edota Tunisian ez bezala, islamistak ez ziren nagusi izan; oraindik bazen itxaropen izpi bat. Tamalez, antzinako entelekia hura bilakatzen hasia zen Libia ordurako, eta aldian behin baino ez ziren iristen nahasiak bezain ulertezinak ziren irudiak: Bengasiko AEBetako kontsulatua sutan 2012an, Tripoliko aireportua sutan 2014an, libiar kalifa herriaren hiriburua sutan 2016an… Horiek denak, eta Saharaz hegoaldekoak. Mordo bat. Libia Europara datozen migratzaile eta errefuxiatuen azken geltokia dela jakitearekin konformatzen bazarete, irakurketa hementxe utz dezakezue.
Nazio-estatutik, estaturik gabeko naziora
2014an herrialdeko bigarren hauteskundeak egin ziren, baina herria etsita zegoen ordurako, eta erroldaren %18ak besterik ez zuen bozka eman. Nazio Batuek (NBE) ontzat jo zuten irregulartasunez jositako prozesua, baina Libiako agintea bitan zatitu zen: Tripolin, mendebaldean, gobernu bat sortu zen, eta ekialdean, Tobruk hirian, beste bat. Turkiak eta Qatarrek Tripolikoa babestu zuten; Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Frantzia eta Saudi Arabia Tobruken aldean jarri ziren, baita Gaddafiren jarraitzaile ohiak ere. Bi exekutiboen arteko gerturatzea ez lortzeaz gain, Nazio Batuen eskuhartzeak pozoitu egin zuen giroa.
2015eko udazkenean filtratuko e-posta batzuk argitaratu zituen The Guardian egunkari ingelesak. Haietako batean, NBEko Libiarako bitartekari Bernardino Leonek Arabiar Emirerri Batuetako atzerri ministroari: proposatu zion Tripoliko Gobernuari "zilegitasuna kentzeko" bide bat. Beste e-posta batean, Leonek kezka helarazi zion: Emirerria Libiara bidaltzen ari zen armak zirela-eta –Nazio Batuen arma enbargoa oraindik indarrean zegoen–, Leonek ez zuen hura justifikatzeko modurik aurkitu bere kideen aurrean. Bere postuari dagokion bitartekaritza lana egin baino, gobernu bakar batentzat ari zen lanean Leon. Oso agerikoa zen tripoliarrek espainiarrari zioten gorrotoa. Asmo maltzur horiek zabaldu zirenean, diplomatikoak Dubaira jo zuen. Egun, hango Eskola Diplomatikoaren burua da eta 50.000 euroko soldata du hilean, The Guardian dixit.
Nazioarteko prentsaren isiltasun konplizea batetik, eta Parisko 2015eko atentatua bestetik, "Leongate" kasua estali eta desagerrarazi egin zen. Hori gutxi ez, eta espainiarrak abian jarritako planari eutsi egin zioten: 2016ko martxoan lehorreratu zen Tripolin Fayez al Serraj lehen ministroaren exekutibo berria, Libiako hirugarrena. Itsasotik iritsi eta armadaren base zahar batean instalatu ziren. Ez zen hauteskunderik deitu oraingoan baina, hala ere, Nazio Batuek Libiako "gobernu legitimo bakartzat" jo zuten. Tripolin iraun ahal izateko, Serraj-ek Rada izeneko milizia salafista indartsua antolatu zuen soldatapean. Horien azken ekintzetako batean, Tripoliko Komiki Feriaren hainbat antolatzaile atxilotu zuten, "erlijioa ahuldu eta atzerriko tradizioekiko lilura transmititzeagatik". Talde islamista guztien miliziak erosteaz gain, giza trafikoaren mafia handiak gobernu berriaren aterki azpian babestu ziren. Azken hauetatik atera dira egungo Libiako kostazainak.
Tobrukekoa dugu NBEk babesturiko gobernuaren etsai nagusia. Gaddafiren jarraitzaileena, Frantzia, Saudi Arabia eta Errusiaren hauspoak batu dituen erakundea Jalifa Haftar jeneralaren etxea ere bada. Gaddafi gobernura iristen lagundu ostean, AEBetara jo zuen militarrak. Virginian hogei urte eman zituen eta, denbora tarte horretan, CIAk erreklutatu zuen. Bere nagusi berriek agindu bezala, Haftarrek bat egin zuen 2011ko altxamenduarekin. Jaioterrira itzultzean " Libiako Armadaren Agintari Nagusia" titulua eman zion bere buruari. Haftar behin baino gehiagotan elkartu da Errusiako atzerri ministro Sergey Lavrov-ekin, eta Egiptoko presidente eta jeneral Abdelfatah Al-Sisi ere laguna du. Horregatik askotan aipatu izan da, litekeena dela Libiarako konponbidea "egiptoar erara" ikustea, estatu-kolpea alegia.
Game of Thrones telesailaren zaleak ez zaretenek bitan, ala hirutan, irakurri beharko dituzue azken paragrafo biak. Fikzio arrakastatsua da, ziurrenik, modurik errazena Libiako Estatuaren desagertze prozesua ulertu ahal izateko.
Argazkia: AFP
Herri bat, hamaika tribu
Estatu porrotak sortutako identitate krisia saihestu nahian, libiarrak tribalismoan babestu dira. Faraj Njem libiar historiagilearen arabera, 140 tribu daude Libian eta aliantza sareak Magreb osotik zabaltzen dira. Egia da Tripoli bezalako hiri-guneetan apalagoa dela hauen indarra, baina asko dira kanpoaldetik hiriburura joandako familiak. Funtsean, zure etxean pisu txikiko aldagaia izan daiteke tribuarena, baina jakin badakizu bizilagunak ez duela horrela bizi. Irak eta Siriako xiita eta suniten arteko gako sektarioek ez dute egoera ulertzen laguntzen. Libia askoz konplexuagoa da. Herrialdea sortu zenetik, tribuen arteko oreka bilatu behar izan dute gobernatu ahal izateko; halaxe egin zuten italiarrek (1911-1943), Idris erregeak (1951-1969) baita Gaddafik (1969-2011) ere. Arazo nagusia zera da egun, denak armaz josita daudela.
2016ko irailean, Genevan izandako ekitaldi batean, Libiarako orduko NBEko arduradun Martin Koblerrek datu esanguratsu bezain kezkagarria eman zuen: Libian 26 bat milioi arma zeuden, biztanleko lau baino gehiago.
Zaila da esaten tribalismoaren fenomenoa nazio sentimenduarekin bateragarria den, baina ezin da ukatu identitatearen ezaugarri handia izan ohi dela Libian. Gainera, ez gara narratiba monolitikoez ari: Gaddafi osteko Libian, hain zuzen, "islam, "iraultza" edota "arabiar nazioa" bezalako elementu berriak erraz txerta daitezke klanen idearioetan. Tribuak "arazo nahiz konponbiderako eragileak" direla dio Kemal Abdallak, Libian aditu handienetako batek. Ikerlariaren aburuz, klanen arteko interakzioak aliantza sendoetan oinarritzen dira, eta horren froga argia dugu Pierre Rondot jeneral frantziarrak 1955ean egindako mapa. Dokumentua hain da zehatza egundaino iraun duen aliantza sarea jasotzen duela. 2014an sortutako Tripoli eta Tobrukeko arteko haustura erraz aurreikus zitekeen mapa horretan.
Argazkia: Karlos Zurutuza
Eguneroko amesgaiztoa
Segurtasun ezaz gain, itomen ekonomikoa ere bada Libian. 2011n euroaren pare zegoen libiar dinarra; egun, euroko zortzi dinar lor daitezke merkatu beltzean. Banketxeetan ez dago kapital likidorik eta, korralito ari aurre egitearren, gobernu bakoitzak inflazioa areagotu duten hainbat neurri bultzatu dute, besteak beste, dirua inprimatzea. 2017an Tripoliko gobernu berriak Erresuma Batuan ekoiztutako dirua erabiltzen zuen; Tobrukek, aldiz, Errusiatik ekarritakoa. Billete berdinak ziren, eta Libiako Banketxe Zentraleko zuzendariaren sinadura besterik ez zen aldatzen, ekialdean eta mendebaldean desberdina baita arduradun nagusia. Horrela, ekialdeko billeteak ez ziren mendebaldean onartzen, eta alderantziz.
Ekonomiaren gainbehera, alabaina, uste baino gaitzagoa da. 1960ko hamarkadaz geroztik, petrolioarena da Libiako industria bakarra. Idris erregearen agindupean, gobernua lan-emaile nagusi bilakatu zen, eta honek herrialdeko eredu ekonomikoan errentismoa errotu zuen. Gaddafik erabat ustela zen egitura hura purgatu eta bere jendea sartu zuen, baina garapen eredu berari eutsiz aldi berean. Libiak Afrikako petrolio erreserba handienak ditu eta sei milioira iristen ez den populazio txikia; horixe zen, hain juxtu, libiar "mirari ekonomikoaren" sekretua. Datu ofizialen arabera (gerraren aurretikoak), Libiako ordaindupeko langileen %85ak sektore publikoan dihardu. Azken turistak aspaldi desagertu arren, egun ere makina bat dira hilero soldata kobratzen duten gida turistikoak. Nolanahi, trenbide sailarena dugu, zalantzarik gabe, errentismo gaiztoaren kasurik esanguratsuena. Libiako Nazio Trenbide Organoko 800 langileek denetarik daukate: egoitzak, uniformeak, liburuxka korporatiboak... Trena besterik ez zaie falta.
Benetako azpiegiturak ez daude askoz egoera hobean. Etengabeko liskarrek biziki oztopatu dute berauen berreraikitzea. Hori batetik eta, atzerriko inbertsoreen ihesa bestetik, herrialdeak ezin du krisia garaitu eta ekonomikoki hazten hasi. Azken zazpi urteotan hamaika taldek petrolio portuak nahiz findegiak hartu dituzte mendean haien etekinak eskuratzearren, ala besteenak mozteko. Eta gauza bera gertatu ohi da industriarako ezinbestekoa den elektrizitate hornikuntzarekin. Garraio sarea ere desagertzen hasia da: mantenurik gabeko errepideak etengabe blokeatzen dituzte miliziek, eta Libiako aireportu nagusia, Tripolikoa, 2014an txikitu egin zuten. Gaur, hiriburuko aireportu militar bat erabiltzen da haren ordez, baina fakzioek etengabe eraso egiten diote. Oinarrizkoena den horniketa, urarenak, ez du hondamendia saihestu. Basamortu azpiko akuiferoetako ura ustiatzeko eraiki zen Ibai Handi Artifiziala talde guztien presio tresna bilakatu da. Gobernuetako bat paretaren kontra jartzeko modua oso erraza da: hegoaldeko basamortuan kanila itxi eta urik gabe uzten dute kostaldea maiz. Urik ere ez.
Argazkia: Karlos Zurutuza
"Beste" libiarrak: amazigak eta tubuak
Mairuak gara behelaino artean? (Pamiela, 2010) liburuan, Joseba Sarrionandiak dio Magrebeko estatuak "berberofoboak" direla, "partikularki amazig jendetza handiak dituzten Aljeria eta Maroko". Libian askoz kopuru txikiagoaz ari gara –populazioaren %10aren bueltan–, baina Gaddafiren espetxeak amazig preso politikoz josita zeuden. Gaddafiren 1973ko "kultur iraultza" zela eta, bere liburu berdearekin bat ez zetorren ale oro debekatu eta deuseztatu zuen. Amazig hitzak "gizon askea" esan nahi du, literalki, baina agintari gorenarentzat "Satanasen semeak" besterik ez ziren, edota "Libia zatitzeko kolonialismoaren tresna hutsa". Gauzak honela, amazigek altxamenduarekin bat egiteak 2011n ez zuen inor ustekabean harrapatu.
Oposizioarekin bat egin arren, amazigek harremanak etetea erabaki zuten 2011ko abuztuan. Orduko beren agintari Fathi Ben Khalifaren hitzetan, "arabiar nazionalisten eta islamisten arteko borroka da hau, eta ez batak ez besteak ez du adierazi gu onartzeko asmorik". Amazig Kontseilu Gorenak 2011ko irailean ekin zion bere ibilbideari. Hizkuntza aldarrikapena izan zen bere lehen eskaera. Aldi berean, lehen herri kontseiluak eratu ziren, eta Zuara (kostaldeko amazig enklabea) izan zen udalbatza era demokratikoan hautatu zuen Libiako lehen herria.
Tuarega arabiarra ez den beste herrietako bat da Libian. Euren artean oraindik batasuna lortu ez arren, gero eta estuagoak dira amazigekin dituzten harremanak. Azken finean, hizkuntza amankomuna dute, eta haietako askok diote "basamortuko amazigak" besterik ez direla tuaregak. Tubuak dira azken hauen bizilagunak Libia hegoaldean, Txad eta Nigerreko mugek ere erdibitzen dute tubuen lurralde idorra (Afrikako zonalderik lehorrena). Saharaz hegoaldeko herri honek errepresio bortitza pairatu zuen Gaddafik boterean eman zituen lau hamarkadetan: lur onenak (oasiak) kendu eta arabiar kolonoei eman zizkien agintari ohiak; eskola eta ospitalerik gabe utzi zituen eta, hainbatetan, beren herri xumeak airetik bonbardatu zituen Gaddafik. Tubu Kontseilu Gorena da euren erakunde nagusia egun, eta agenda bateratua adostu dute amazigekin. | news |
argia-8b3a2eade736 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/eneko-bidegain-mondragon-unibertsitateko-irakaslea.html | "Balia ditzagun egitura autonomikoak Euskal Herria indartzeko eta ez ahultzeko" | Xabier Letona | 2018-10-28 00:00:00 | "Balia ditzagun egitura autonomikoak Euskal Herria indartzeko eta ez ahultzeko"
Zein da Euskal Herriaren osasun egoera? Galdera potoloegiak egiteak ekar dezake bidean eskuak harrapatzea. Arrisku hori bazegoen lan honetan, eta saihesteko, azken boladan kezkari heldu dioten hiru aktorerengana jo dugu. Eneko Bidegainek Lurraldea eta Herria liburua idatzi berri du. Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzaren magaletik ari da jorratzen gaia; mendeurrena dela eta, erakundeak Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu berdea idatzi du, liburu zuriaren atariko. Josu Amezagak Euskal Herriko komunikazio espazioa aztertu du. Eta Aman Komunak taldearentzat euskal komunitate sendoa zer den azaldu digu Joseba Alvarezek.
Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Debagoienan ari da irakasle, Mondragon Unibertsitatean. 1995etik 1999ra Berria-n aritu zen kazetari. Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur eta bihar liburua argitaratu du aurten. Euskal Herriko hiru eremu administratiboen garapenak gure herriaren izaera ahultzen duela deritzo. Bere ustez, lurraldeen arteko loturak sendotzeko, ezinbestekoa da egunerokoan herritarren eta erakundeen arteko harremanak eta ekimenak areagotzea.
Duela 40 urte erakundetu ziren EAE eta Nafarroa Hegoaldean. 40 urte hauetan Euskal Herriaren irudia indartu egin da ala ahuldu?
Kezka hori nuelako hasi nintzen liburuarekin. Instituzionalizazioen indartzearekin batera ahuldu egin da Euskal Herriaren irudia, bereziki azken 15-20 urteetan. Lehenbiziko 20 urteetan mugimendu abertzalean oso kritikatua zen zatiketa hori, ez zuen zilegitasunik. Autonomiaren espazio horiek indartu ahala, Eusko Jaurlaritzak bereganatu du Euskal Herriaren iruditeria kanpora begira. Eskola liburuetan ere islatzen da, eguraldi mapetan, estatistiketan eta beste gauza askotan.
Eta lehenengo 20 urteetan zergatik zen sendoagoa?
Sektore espainolistek eta EAJren munduak onartzen zuen zatiketa, baina oposizio handia zuen; gerora hori desagertu egin da eta onarpena zabalagoa da. Hainbat gauza izan daitezke. 80ko hamarkadan Euskal Herriko mapa errespetatzen zen gutxi gora-behera, El Diario Vasco-tik El Mundo-ra. 2000tik aurrera desagertu zen hori.
Euskal Herriko lurraldeak elkarri bizkarra ematen bizi direla diozu. Zergatik?
Eguneroko bizitzako kontu askotan gertatzen da: gai administratiboetan, osasungintzan, bankuekin… Europar Batasunean gaude baina zatiketa administratiboak asko eragiten du. Oztopo horiek bereziki nabaritzen dituzte muga ondoan bizi diren pertsonek, alde batean lan eta bestean bizi direlako, adibidez.
Horrez gain, irudipen hori dut ikasleekin ere; bizkaitarrei, adibidez, gero eta urrunago egiten zaie Nafarroa Garaia edo Ipar Euskal Herria. Oro har, herritarren arteko harremanak txikitzen ari dira. Lehen bazen joera bat joateko Lapurdira, orain ez horrenbeste, badirudi frankismoan baino beldur gehiago dagoela muga pasatzeko.
Orduan, zatiketa administratiboek banatzen bagaituzte, hobeto geundeke egitura autonomikorik gabe?
Gure ideala Euskal Herriaren batasuna bada, balia ditzagun egitura autonomikoak batasuna bultzatzeko eta ez zatitzeko. Ez dadila izan tarteka prentsaren aurrean egiten den sinadura ekitaldi bat, zerbait iraunkorragoa baino. EAEko egitura askok –adibidez Eustatek– funtzionatzen dute EAE Euskal Herria balitz bezala, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa ahaztuz, eta hori beste sektore askotara kutsatzen da. "Euskal errepideetan 57 lagun hil dira aurten" irakurtzen duzunean, galdera berez dator: zer dira euskal errepideak? Zertan ari da Eusko Jaurlaritza Basque Country marka erabiltzen duenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa promozionatzeko?
Agenda politikoan ere independentziaren aldarrikapena EAEra ari da mugatzen gero eta gehiago: "Beste lurraldeek egin dezatela beren erritmoan eta guk gurean". Horrek ematen dit beldurra. Egia esan, orain ez dut ikusten indartsu mugimendu indepententista EAEn. Batek daki, agian 50 urtera Nafarroa Garaian da indartsuago. Azkenean galdera zera da, EAEk bakarrik egingo balu independentziarantz, horrek lagunduko luke beste eremuetan independentismoa indartzen ala, orain bezala, urruntzeko joerak indartzen jarraituko luke? Poz handia hartuko nuke oker egongo banintz.
Dena handira jokatzeak ere kezkatzen zaitu. Adibide gisa aipatzen duzu azken urteetan apustu guztia erabakitzeko eskubidean egin dela. Azaldu dezakezu zer esan nahi duzun?
Hasteko, estrategia hori pentsatua dago banaketa administratiboaren arabera. Orain agenda politikoan dago EAEko estatusean erabakitzeko eskubidea sartzeko aukera, baina gai hori hor bukatzen da. Gauza asko esan daitezke Lizarra-Garaziko garaiaz, baina niri ilusio handia egin zidan, oinarritzen zelako gauzak egitean, euskal herritar guztien artean edo euskal lurralde osoa kontuan hartuta. Handik sortu ziren Udalbiltza eta Gaindegia, esate batera. Han bazen ideia nagusi bat: gauza zehatzak eginez egiten dugu herri bat.
EAEren erabakitzeko eskubidea gauzatuko balitz ere ez luke bermatuko Euskal Herri osoan kohesioa bultzatzea. Ez dut hainbeste esperantzarik politika profesional eta instituzionalean, egunkarietako azal gutxiagoren bila joan beharko litzateke. Askoz emankorrago ikusten dut azpiko politika, elkarteen, erakundeen, jende xehearen eguneroko lana.
Baina ikuspegi demokratiko batetik, herri batek nola adierazi dezake zer nahi duen, bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidearekin ez bada?
Niretzat Euskal Herria, Katalunia bezala, legez kanpo da Espainia eta Frantziaren parte; beren egoera zapalkuntzaren emaitza da eta zapalkuntzak jarraitzen du. Zapalkuntza horren ondorioz, administrazioarekin, komunikabideekin, kulturarekin, poliziarekin… horrekin guztiarekin gizarte bat egin dute. Beraz, gauza bat da gizartea eta bestea herria. Espainiak onartuko balu bere barruan nazioak direla eta hauek askatasunerako eskubidea dutela, onartu beharko luke zuzenkontra daudela menpe eta, beraz, independentzia onartu beharko lieke; eta behin herria aske denean, erabaki dezake nahi duena, Espainiarekin batu ala ez. Baina zapaltzailearen menpe gauden bitartean, nekez erabaki ahal izango dugu ezer. Egungo zapalkuntza baldintzetan bozketa hori izango balitz ere, ez litzateke ez bidezkoa ez demokratikoa.
Ari zara esaten, "ez jarri indarrik estatus kontuetan, egunerokotasunean baizik", baina biak ez daude kontrajarriak.
Ez ditugu indarrak soberan, eta indarrak batean edo bestean jartzen dira. Begiratu Laborantza Ganbera, ikastolak edo beste hainbat proiektu. Balio izan dute euren eremuak garatzeko, baina baita jende asko erakartzeko eta helburuak sozializatzeko ere.
Sektore politiko batek inoiz onartu ez duen zatiketa onartzen bada –baita erabaki eskubidearekin ere–, indartu dezakegu autonomismoa baina ez independentismoa. Herri gisa aurreratzeko batuta edo koordinatuta egin behar da, baina giza kate bat egiten bada Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko dituena, horrekin herri ikuspegia ahuldu egiten da. Arabarra, zuberotarra eta nafarra elkarrekin lanean ari direnean, herri gisa dagoen zatiketa argiago bistaratzen eta gainditzen da. Hori kentzen badugu ez da herri ikuspegia garatzen eta herri ikuspegiaren garapen faltatik ez da independentismoa indartuko. Lapurtarrekin edo nafarrekin lan egitearen ekarpena da herri kontzientzia sendoago bat edukitzea, eta hortik errazago egin daiteke independentismoaren bidean.
Lurraldeen arteko loturak areagotzeko ekimen eta ideia ugari aipatzen dituzu liburuan. Aipa ditzakezu horietako batzuk?
Batzuk zailak dira, beste batzuk egin ezinak une honetan… Egingarrienak herri ekimenetik edo instituzio txikietatik bultzatutakoak dira, oztopo legal eta instituzional gutxien izango dituztenak, udalak, euskal kazetari asko dago gauza asko egiteko, gure festei buruzko gogoetaren bat, herri elkarteetatik topaguneak sortzea…
Ipar Euskal Herriko kultura politikoa asko aipatzen ari da orain Hego Euskal Herrian. Zer ikasi behar du Hegoaldeak Iparraldetik?
Hego Euskal Herrian gauza batzuk oraindik ez dira posible talka politiko oso gogorra egon delako: hildako asko dago, mehatxatuak, torturatuak, presoak… Horrek guztiak askoz zailagoa egiten du Ipar Euskal Herrian izan den elkarrizketa. Adostasun zabalak ekartzen du ados jartzea elkartzen gaituen oinarri komun txikienean. Adostasun oso zabaletik nekez egin daitezke urrats handirik. EAEren estatusaren gaian, adibidez, adostasun zabalen izenean EH Bildu eta PP ados jartzea lortzen baduzu, bateren batek sekulako amore ematea egin beharko luke. Hala ere, Ipar Euskal Herriko politikak badu gauza on bat, azken 50 urteetan gutxienez harreman politikoak modu zibilizatuan egiten direla. Adi baina, irudi faltsu bat ere sortzen da: harreman molde horretan nork galtzen du gehien? Max Brisson abertzaleen oso laguna da, baina irmoki azpimarratzen du Ipar Euskal Herria Frantzia dela eta kito.
Gu hemen ari gara kalaka, baina gizartean ba al da Euskal Herriari buruzko kezkarik kalean, erakundeetan, instituzioetan?
Euskal Herriko gizartearen arazoetako bat da, eta bereziki mundu abertzalean, ekonomikoki nahiko eroso bizi dela. Jende asko nahiko ondo bizi da, edo ustez nahiko ondo, asko direlako hipotekatuak etxebizitzagatik edo kontsumo ohiturengatik… Jende askok bere burua bakarrik ikusten du, eta herriaren ikuspegia lausotu ahala, kezka hau ere lausotzen da. Kulturalki estatuen ereduak indar handia duen bitartean, kezka hori lausoagoa izango da. Elkarren arteko zubiak garatzen ez badira, harremanak ahultzen dira… Ez dut ikusten herria oso kezkatuta gai honekin. Instituzioak ere ez. Eta diputazioei begiratzen badiegu, ikusiko dugu nola ari den handitzen ikaragarri probintzialismoa: diru-laguntzekin, garraioarekin… Euskal Herriko klabean gehien ari direnak Euskal Herri mailako ikuspegia dutenak dira, eta batez ere euskalgintza.
Eusko Ikaskuntzan Euskal Herriar lurralde(ar)en Liburu Berdea prestatu dute eta Liburu Zuriaren oinarriak ere jartzen ari dira. Zer iritzi duzu?
Erakunde nazionala den heinean, Euskal Herriaren lurraldetasunaren alde lan egitea dagokio. Eta hori ongi iruditzen zait. Liburu Berdea irakurri nuen, eta badaude gogoeta interesgarriak. Orain Liburu Zuriaren zain nago. Zalantza sortzen zait "Euskal lurraldeak" izendapenarekin, ez baita argi zertaz ari garen "lurraldeak" aipatzean, eta Euskal Herriak, berez, lurralde bakarra baitu. | news |
argia-e92c890dac90 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/baratxuriaren-mamia.html | Baratxuriaren mamia | Jakoba Errekondo | 2018-10-28 00:00:00 | Baratxuriaren mamia
Baratxuria, Allium sativum , sekula ez da falta gure sukaldean. Lehortutako buru-sorta zintzilik urte osoan, eta berria lehen sei hilabeteetan. Etxetik baratzerako bidea hartzen ari dira orain baratxuri buruak eta aleak, ereintza sasoia. Gero ere, ereintza garaitik kanpora, makina bat bider joan beharko du baratxuriak baratzera. Baratzeko beste landareen gaitzei eta izurriteei aurre egiteko oso ona da baratxuria.
Gutako asko bezala, baratxuriaren usainak landareetan kalteak sortzen dituzten intsektu ugari uxatzen ditu. Eraginkorra da zorriekin, akaroekin eta har askorekin: Harren artean, adibidez, lan ederra egiten du aza jendearen izurrite ezagunena den harraren aurka.
Lan horretarako baratxuria beratu egin behar da: eduki egun betez 100 gramo baratxuri txikitu goilarakada pare bat liho oliotan . Iragazi, litro bete ur erantsi eta bertan eduki astebetez beratzen. Intsektuak uxatzeko landarea bustitzeko orduan, urardotu are gehiago: %5 baratxuri ura eta %95 ur hutsa. Animalia basatiei ere, orkatzei, adibidez, ez zaie baratxuria gustatzen, usaindu ordurako muturra okertu eta alde egiten dute baratze sagasti eta abar pakean utziz.
Zenbaitek baratxuria han eta hemen, toki ugaritan ereiten dute. Usain guztia sail bakar batean bildu beharrean, denean heda dadin, uxagintzan.
Gaitzak sortzen dituzten onddoen aurka (mildiua, gorrina, zurina, muxikaren lepra, monilia eta abar) irakinda edo egosita erabiltzen da: jarri 100 gramo baratxuri ale (txikitu beharrik gabe) litro bete uretan eta irakin 20 minutuz gozo-gozo, estali eta utzi 10 orduz hozten eta pausatzen, iragazi eta lainoztagailuarekin busti landarea. Gaitzari aurrea hartzeko, 3-4 egunero, busti ondo landarea, goi eta behe. Onddoa sartu bada, busti egunero, hamar bat egunez. Hazitegietako landaretxoen gaitzaren aurka, ureztatu baratxuri-egoskinarekin.
Jakia eta jakintza dakartza oraintxe ereiten ari garen baratxuriak. Jateko gutizia eta nekazariarentzako adiskide mamia. | news |
argia-cd053d482004 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/betiko-trauma-osteko-estresa.html | Betiko trauma osteko estresa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-10-28 00:00:00 | Betiko trauma osteko estresa
Londres, 1915. Charles Myers (1873-1946) psikologo ingelesek "shell shock" (jaurtigaiek eragindako shocka) terminoa erabili zuen lehenengoz The Lancet medikuntza aldizkarian, Lehen Mundu Gerrako fronteetan borrokan ari ziren soldadu askori gertatzen ari zitzaiena deskribatzeko.
Inolako zauri fisikorik gabe, ageriko arrazoirik gabe, askotariko sintomak zituzten: amnesia, dardarak, amesgaiztoak, ikusmena eta hitz egiteko ahalmena galtzea… Psikologoak gatazka hartan lehenengoz erabili zen munizio eta artilleria astun neurrigabeari egotzi zion gaitz berria eta horregatik jarri zion izen hori. Beste batzuek gerrako neurosia esango zioten, eta gaur egun, trauma osteko estresaren nahasmendua (TOEN) du izena.
Azalpen nabarmen eta egiaztagarririk gabe, arduradun militar askorentzat koldarkeria zen; hala, dozenaka soldadu heriotzara kondenatu zituzten. Ahalegin batzuk ere egin ziren sintoma horiek modu eraginkorragoan arintzeko –eta frontean soldadu kopuruari eusteko–, gaixoei egun batzuetako atsedena emanez, baina 1917an Armada Britainiarrak guztiz debekatu zuen diagnosia, eta armadaz kanpoko medikuntza dokumentuetan ere zentsuratu egin zuten. Arerioentzat ere tabua zen gaitz hura. Zurrumurruak dio Adolf Hitler bera, Lehen Mundu Gerran soldadu zela, aldi baterako itsu geratu zela, baina gero kontu handiz ezabatu zituela froga guztiak.
Dena den, gerrak eragindako TOEN ez zen berria. Herodotok (K.a. 484-425) Maratongo Guduaren (K.a. 490) berri xehe jaso zuen, eta hala zioen pasarte batean: "Borrokaldi hartan mirari arraroa gertatu zen: borroka betean, Epizelo atenastarra, Kufagorasen semea, soldadu prestua, bat-batean itsutu zen, gorputz osoan gertuko kolperik nahiz urruneko gezirik jaso gabe; eta orduz geroztik itsu geratu zen bizialdi osorako".
Eta 2015ean, Jamie Hacker Hughes eta Walid Abdul-Hamid ikerlariek TOENen aztarna zaharragoak topatu zituzten, Duela 3.300 urteko zenbait testu asiriar aztertuta. Testuok deskribatzen dituzte borrokan aritutako soldaduek izan ohi zituzten nerbio atakeak, gorputz adarretako dardarak eta, batez ere, amesgaiztoak. Haientzat ametsen mundua eta hildakoena estuki lotuta zeuden. Lo zeudela hildakoekin zeukaten harremana fisikoa zen, gainera. Esaterako, gaixotasun asko hildakoek ametsetan kutsatutakoak zirela uste zuten. Hala, gauetan, hildako kide nahiz etsaiekin zeukaten harreman zuzen horrek eragin bortitza zeukan gudariengan. Asiriarren sistema militar ziklikoak behintzat lagunduko zien gaitza arintzen; urtebetez jardun militarretan aritu ondoren, beste urtebetez obra publikoetan egiten zuten lan.
Horrenbestez, ondorioztatu daiteke gerrak eragindako trauma osteko estresaren nahasmendua gerra bera bezain zaharra dela. Eta Antzinaroan gaitza sentsibilitate eta ulermen handiagoz tratatzen zutela XX. mendearen hasieran baino. | news |
argia-dec8b3fc10c2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/borja-donnay-gasteizko-rokodromoetako-langilea.html | "Kirol batzuentzat beti du dirua Gasteizko Udalak, baina ez eskaladarentzat" | E�aut Agirrebengoa Apaolaza | 2018-10-28 00:00:00 | "Kirol batzuentzat beti du dirua Gasteizko Udalak, baina ez eskaladarentzat"
Borja Donnay naiz, 27 urteko gasteiztarra. Hiriko udal rokodromoetan egiten dut lan, baina irailaz geroztik langabezian nagoela esan daiteke. Izan ere, instalazioen kudeaketa penagarria egin du Udalak, eta guk eskainitako zerbitzua bertan behera utzi du behin-behinean. Rokodromoak 2019ko urtarrilera arte egongo dira itxita gutxienez; hortaz, ordura arte lanik gabe izango gara langileok, eta erabiltzaileek ezingo dute eskalatu.
Guztira bederatzi langile gara. Alde batetik, ART Arabako Rokodromoen Teknikariak kooperatiba osatzen duten bost kideak daude, eta bestetik, enpresa horrek kontrataturiko lau langile. Horietako bat naiz ni. Azken bost urteetan ARTek kudeatu ditu udal rokodromoak. Urtero udalak lizitazioa egiten du, eta orain arte ART soilik aurkeztu da. Finean, eskalatzaileen sektorea txikia da. Azken urteotan Hegoaldeko eta Ariznabarrako rokodromoetan aritu izan gara, eta orain hirugarrena ireki behar zuen Udalak, Salburuan; 130.000 euroko inbertsioa egin ondotik, eta urtebeteko atzerapenarekin.
Ordea, bere diru-laguntza ez da egokitzen egoera berrira. Alegia, ez da proportzionala. ARTek kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea, langileen soldatei eustea eta sarrerak ez garestitzea nahi du, eta Udalaren baldintzek ez dute horretarako aukerarik ematen. Rokodromoetarako aurrekontua handiagoa izatea eskatzen du ARTek, baina Udalak ez du horretarako inongo asmorik erakutsi. Ondorioz, deialdira ez da inor aurkeztu eta rokodromoak itxi egin dira behin-behinekoz.
2019 hasieran beste lizitazio bat egitera derrigortuta dago Udala, eta ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen orduan. Guk ez diogu itxura onik hartzen. Udalak ez du negoziatzeko jarrerarik, eta ART paretik kendu nahi duen susmoa dugu. Aldaketarik ezean, ART ez da aurkeztuko, eta orduan hiru aukera izango dituzte arduradun publikoek: diru-laguntza handitzea, beren gustuko enpresa pribatu bat aurkitzea, edo instalazioak gehiago pribatizatzea. Guretzako, aurrenekoa da baleko irtenbide bakarra, baina badirudi Udalak guztiz aldatu nahi duela kudeaketa eredua.
Mahai gainean jarri duen eskaintza onartuz gero, baldintzek nabarmen egingo lukete okerrera. Eta ez naiz diruaz ari bakarrik; denbora kontua ere bada. Izan ere, ordutegia murriztuko litzateke. Orain arteko baldintzekin gai ginen mantenimendu lanak behar bezala egiteko eta jendeari kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Erabiltzaileek aukera zuten lasai eskalatzeko, eta hori arriskuan dago orain, ordu kopurua murriztuta, jendea pilatu egingo litzatekeelako.
Rokodromoak bideragarri egiteko, gure apustua behar bezalako zerbitzua eskaintzea da. Hala eginda, erabiltzaileak gustura daude, eta jende gehiago erakartzen duzu. Ez baduzu hori bermatzen, rokodromoek zentzua galtzen dute. Azken urteetan jende asko erakarri dugu, ikastaro ugari eta ordutegi zabala eskainita. Aurreko ikasturtean, kasurako, 1.000 erabiltzailetik gora izan genituen.
Langileok hiriko hainbat toki esanguratsu eskalatu ditugu, protesta gisa. Eskalada txapelketak antolatu ditugu bertan [argazkian]. Nolabait ere zerbitzua eskaintzen jarraitu dugu, eta era berean, egoera bidegabe hau salatu. Erabiltzaileek, berriz, rokodromoak hiruzpalau orduz okupatu dituzte, 300 bat pertsonaren artean, eta asanbladak egin.
Rokodromoak modu sozial batean kudeatu ditugu guk, eta hori asko eskertzen digute erabiltzaileek. Haiek ere egoera bidegabea dela uste dute. Badakite Udalak bazter utzita duela eskalada. Kirol batzuentzat beti du dirua, baina ez eskaladarentzat. Eta ez gara ezinezko kopuruak eskatzen ari. | news |
argia-f5ea68eae178 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/aitziber-imizkoz-nora-doaz-alde-zaharrak.html | "Betiko dendak galtzen direnean hasten gara nortasuna galtzen" | Ander Perez | 2018-10-28 00:00:00 | "Betiko dendak galtzen direnean hasten gara nortasuna galtzen"
"Nabarralde fundazioak eta Iturralde elkarteak antolatutako Alde zaharren birsorkuntza jardunaldietan parte hartu berri du Aitziber Imizkozek (Iruñea, 1983). Iruñeko Udal plazako turismo bulegoko arduraduna da, eta ongi ezagutu du Nafarroako hiriburuko Alde Zaharraren eraldaketa. Azkenean, bere kale eta txokoak ditu lantoki, eta bisitariei horiek erakusten jarduten du".
Zertan ari dira aldatzen gure alde zaharrak?
Transformazioa merkataritza ereduan ematen da batez ere. Merkaderes kalean [Iruñean] bada Burger King bat. Starbucks bat datorrenean akabo. Betiko dendak galtzen direnean, betiko tabernak, betiko kontsumoa galdu eta enpresa handiak datozenean hasten gara nortasuna galtzen. McDonalds batean egon zaitezke Iruñean, Donostian edo Tokion. Hori da globalizazioa. Identitatea kontsumitzeko eratan ari da galtzen, ez monumentuetan, ez kaleetan.
Jardunaldietan, gudu zelai gisara aurkeztu dira alde zaharrak. Bertan batzen dira historia eta identitatea, baina baita turismoaren presioa eta hirigintza proiektuak ere.
Uste dut Iruñera, momentuz, ez dela gudu zalai hori iritsi. Hemen ez da Donostiakoa gertatzen: han pisu turistikoekin gerran daude, eta bertakoak Alde Zaharretik kanporatzen ari dira. Donostiako Alde Zaharrak Eurodisney ematen du, dena turistez beteta, eta bere kutsua galduz doa. Uste dut Iruñean oraindik ez dela hori gertatzen, udalean ari direlako aurreratzen, hori saihestu nahian. Ez gara puntu horretara iritsi. Helduko garen ala ez? Nork daki.
Eta ordurako beranduegi bada?
Bai, hori da kontua, oreka bilatzea. Alde batetik, jendea hirira etortzea ona da, ekonomia eta kontsumoa mugitzen duelako, eta lanpostuak sortu. Baina non hasten da galtzen gure nortasuna? Non dago puntu hori?
Posible al da oreka?
Utopiko samarra da hori: behin negozioa ikusita, handira jokatzen hasten dira interesdunak, eta azkenean, iristen da puntu bat non atzera begiratu eta diozun: "Eskuetatik joan zait". Zaila da oreka puntu hori bilatzea.
Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunak hasi dira protestan, pisu turistikoak gora doazelako. Unzu-ko hostel handiaren proiektua ere hor dago.
Egia da puntu beroak daudela, Estafeta kalea adibidez, eta azken urteetan igo direla pisu turistikoak: kriston boom-a egon da, baina oraindik ez da iritsi bizilagunak kanporatzera, Madrilen bezala: agentzia bat etorri, eraikin osoa erosi eta bizilagunak kanporatu.
Baina alokairuen prezioak gora doaz.
Bai, baina ez dakit pisu turistikoen eragina den, edo berriro goazela burbuila batera. Egia da pisu turistiko asko jarri dituztela, eta hotelak, baina uste dut aurreratu garela, etor daitekeena aurreikusi dugula. Baina egia da bizilagunak kexaka ari direla.
Ba al dago bertakoen bizitzarengan eraginik ez duen turismorik?
Saiatu behar gara garen bezala saltzen guru burua. Bada slow tourism mugimendu bat, tokiko bizimodua balioan jartzen duena: hiriak eta herri txikiak era lasaian ezagutzea, jendearekin nahastea, bertakoen ohiturak eta hizkuntza ezagutzea... Italian sortu zen, turismoaren paradigman, kontrako mugimendu gisa. Hori bada abiapuntu bat, eta Nafarroan badugu horretarako aukera, landetxeekin, herri txikiekin, euskara eta gure kulturarekin. Hori litzateke eredua. Kontrakoa: sanferminak.
Zergatik?
Eskuetatik joan zaigu. Agian orain hasi gara ikuspuntua aldatzen, baina esango nuke azken hamar urteetan eskuetatik joan zaigula. Turismo bulegoan ikusi dugu zer negozio dagoen eraikia sanferminetan, batez ere kanpoko agentzien bitatez. Uste dut galdu dutela bere betiko esentzia.
Baten batek esango du turismo lasairik ere ez, ez dela turistarik etortzea sustatu behar, ez eredu batean, ez bestean.
Badut etxean hala pentsatzen duenik [barrez]. Baina gu ere turistak gara, eta beste nonbaitera goazenean gustatzen zaigu gustora egotea, gaizki ikusiak ez izatea. Gure etxera datozenak ere hala sentiarazi beharko genituzke, enpatiaz.
Nola kontatzen da hiri bat?
Sinetsi behar duzu zure historian, zureganatu, azken batean, zu zara zure hiriaren apostulu. Ez baduzu ezagutzen, ez baduzu bizitzen eta sentitzen, nahiko zaila da kontatzea. Niri ez zaizkit turistakeria tipikoak gustatzen, eta sanferminetako kontuak ez ditut inoiz kontatzen, nahiago izaten dut hiriko historia kontatu. Sarri bisitariek esaten dute: "Ez nekien Iruñeak 2.000 urte zituenik". Oso ezezaguna dira gure historia eta gure ondarea, eta hori ere bada esanguratsua.
Nafarroan, zer kontatzen den, politikoki ere badu bere eragina.
Bai, hemen, adibidez, konkista edo anexioa erabili, hori izaten da gudu zelaia. Nik beti konkista diot, hala izan zelako: saiatu behar zara neutrala izaten, baina egia esaten. Hiria kontatzeko modu asko daude, eta norberak badu bere ikuspegia, oso malgua da historia. Eta denetarik dago gure artean.
Zertan aldatu da turismoa?
Globalizazioak eragina du, nortasuna galtzen delako. Bestetik, internet: edonora joan aurretik, sartzen gara webguneetan eta dena ikusten dugu. Izebak zera dio: "Zertarako bidaiatu, Callejeros viajeros ikusi badut?" Sorpresarako aukera galdu dugu. | news |
argia-8f841f2fdcb1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/aman-komunak.html | Euskal komunitatea indartuz | Joseba Alvarez | 2018-10-28 00:00:00 | Euskal komunitatea indartuz
Aman Komunak taldekoek hiru hilean behin biltzen dira Euskal Herriko tokiren batean, bertako proiekturen bat auzolanean bultzatzeko. Ohikoan, egun batean hausnarketarako baliatzen dute eta bestean auzolana dagokion proiektuaren bueltan. Ondoko artikuluan Joseba Alvarerezek azaltzen digu bere muina.
Inguratzen gaituen mundua bezala, Euskal Herria ere errotik aldatu da azken hamarkadatan. Mota guztietako izugarrizko eraldaketak bizi izan ditu gure herriak, bai lan harremanetan, bai kontsumo ereduan, bai jendarte antolaketan, baita gure eguneroko bizitzaren beste mila alorretan ere. Eta beldur naiz euskal indar politikoen aldetik eskaini izan zaizkigun proposamen politiko historikoak ez ote diren lekuz kanpo geratu, pairatu dugun eraldaketa prozesuaren abiadurari ezin eutsiz. Izan ere, esan nahi bera ote dute gaurko eta atzoko "euskaldunak", "Euskal Herriak", "independentziak" edota "sozialismoak" kontzeptuek, adibidez.
Baina formak asko aldatu badira ere, edukia betikoa ez ote den, edota oso antzekoa ez ote den, pentsatu beharko genuke. Izan ere, gaur, atzo bezala, sistema kapitalistak, heteropatriarkalak orain, herriak, herritarrak, langileria miseriara eta uniformizaziora kondenatzen ditu, belaunaldi berrien bizimodua zalantzan jartzeraino. Eta gainera, krisiaren aitzakian egoera gogortu dute, segurtasunaren izenean herritarron oinarrizko eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta kulturalak gehiago zapuztuz. Horrela ikusita, aldaketa gutxi, ezta? Kapitalismoak, klase borrokak, formaz aldatu du, baina edukiz betikoa da.
Kapitalismoak formen eztabaidetara eraman nahi gaitu, edukia aldatzen ez den bitartean formak aldatzeko prest dagoelako. Eta beldur naiz pragmatismoaren izenean, eta jendartea asko aldatu dela argudiatuz, euskal indar politiko gehienen eskaintza berria ez ote den nagusiki formen eztabaidara mugatzen, benetako eraldaketa helburutzat duten jendarte mugimenduengandik zein herritar eta langileengandik aldenduz. Horretan datza Euskal Herrian ematen ari den aldaketarik bat.
Ondorioa argia da, gero eta gehiago dira indar politikoak alde batera utzi eta beraien lana, ekarpena, baita borroka ere, jendarte mugimenduetan edota eragile sozialetan ematen duten euskal herritarrak. Euskal Komunitate Soziala indartu da azken hamarkadatan, zalantzarik gabe, baina garai batean ez bezala, egun ez du bere burua nagusiki inongo eskaintza zehatz eta batez ere praktika politikoan ikusten. Euskal Espazio Soziala asko indartu da eta gehiago egituratuko da datozen urteetan, eta oraingoan espazio autonomo, autogestionatu eta desobediente moduan egiten ari da. Eta zorionez, nagusiki euskaraz egiten ari da, euskalduna delako. Alderdi politikoentzat, honakoa aukera aproposa izan daiteke mugida guzti hauekin partekatu nahi dituzten ardatz eta egin moldeen inguruan erabaki egokiak hartzeko.
Izan ere, Euskal Herriko jendarte mugimenduak ez du sistemaren formazko eraldaketa bilatzen, fondokoa baino. Lurralde Askean ondo esaten dugun moduan, Euskal Herria Bizimodu Onaren herria bihurtu nahi dugu jendarte mugimenduok eta horrek konpromiso eraldatzaileak hartzea eskatzen du, pausoka gure alternatibak eraikitzea eta bidean jarriko dizkiguten oztopoen aurrean, desobedientziaz, ekintza zuzenaz, kolaborazio ezaz ala erresistentziaz jokatzea. Euskal indar politiko nagusiak ere bide horiek landu eta asumitzeko prest agertuko ote dira?
Eta horixe da Aman Komunak sarean ala Zubietan Lurralde Askeak antolatutako Iraultza Txikien Akanpadan bildu ginen pertsona, talde eta eragile ezberdinek dagoeneko egiten ari garen lana, mota guztietako proiektu autogestionatuei lehentasuna emanez eta hauen arteko elkarlana zein ezagutza bilatuz.
Joseba Alvarez, Aman Komuneko sareko eta Lurralde Askea taldeko kidea | news |
argia-c5296e322c91 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/josu-amezaga-ehuko-irakaslea.html | "Komunikazio esparru nazionalik gabe, ezin da euskal naziorik eraiki" | Xabier Letona | 2018-10-28 00:00:00 | "Komunikazio esparru nazionalik gabe, ezin da euskal naziorik eraiki"
Soziologian doktorea da Amezaga (Caracas, 1960) eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko zuzendaria. Komunikazio espazioaren garrantzia naziogintzaren erronkaren aurrean azterlana aurkeztu zuen 2017an eta honen inguruan jardun dugu batez ere. Bere tesia latza da: Euskal Herria nazio gisa ikusten dugunok ez dugu nazio esparru komunikatiborik eta hori gabe, gaur egun, nekez eraiki daiteke euskal naziorik.
Goazen begirada bat ematera aztertu dituzun komunikazio espazioei: espazio nazionala, estatala eta erregionala.
Lehenik argitu nahiko nuke komunikazio espazioaz ari naizenean komunikazioa iristen den espazioaz ari naizela. Hiru espazio bereizten ditut: nazionala, Euskal Herri osoa hartzen duena; erregionala edo autonomikoa; eta estatala, Frantzia edo Espainiako espazioaz ari dena. Tokiko komunikabideak ez ditut sartu azterketan, berez espazio lokal hori birsortzen dutelako; lagundu dezakete nazioa eraikitzen, baina islatzen duten espazioa ez da nazioa, tokia baizik.
Ongi da, orain goazen ikustera nola hedatzen diren.
Gehien kontsumitzen diren komunikabideak dira espazio estatala bisortzen dutenak. Egunero Euskal Herriko herritarren %80 baino gehiagok Espainia edo Frantziari buruz hitz egiten dion komunikabide bat kontsumitzen du; aldiz, %35-40k bakarrik kontsumitzen ditu Euskal Herri osoari buruz ari diren komunikabideak. Jakina, herritarrak kontsumitu dezake bi espazioetatik, ez dira baztertzaileak, baina kasurik onenean, gutxi-gora-behera herenak kontsumitzen du espazio nazionala.
Horrek zer dakar? Ondorio handiak. Euskal Herria azkenean irudikatzen dugun lurralde bat da, hizkuntza bat du, historia bat, oroimena, proiektu politiko batzuk eta abar. Horrek guztiak osatzen du nazio bat. Baina imajina dezagun kanpotik datorren pertsona bat: euskararik ez du, hemengo oroimenik ere ez, ez du egitasmo politiko nazionalik Euskal Herrirako, egunerokoan hiri batean bizi da eta, akaso, Kantabriara doa oporretan. Pertsona horrentzat zein da Euskal Herriaren eguneroko esperientzia? Batez ere komunikabideek ematen diotena, eta hor batez ere Espainia edo Frantziaren iruditeria da nagusi, eta Euskal Herriarena oso txikia. Beraz, ez dago komunikazio esparruan oinarritutako euskal naziorik.
Hori larria da etorkizunari begira.
Euskal Herria zer da? Oraintxe aipatu ditugun elementu horiek guztiak eta gehiago, baina horiek egunero elikatu behar dira, bestela, gaur egun munduak daraman abiadurarekin, bihar-etzi aldatu egiten dira. Kultura informazioan oinarritzen da eta kultura bera ere gaur egun inoiz baino azkarrago aldatzen da; eta kulturekin batera ideologiak, mundu ikuskerak…
Hori guztia kontuan hartuta, Euskal Herriaren irudia handitzen ala txikitzen doa azken hamarkadatan?
Ez dut erantzun borobilik, dimentsio batzuetan agian indartzen ari da eta beste batzuetan ahultzen.
Komunikazioaren esparruan ere pentsa daiteke hori?
Bai. Adibidez, badira zantzuak pentsatzeko komunikazioaren esparru nazionala indartu daitekeela. EITB ia Euskal Herri osora hedatzea lortu da; euskarazko komunikabideek krisia pairatu dute, baina eutsi egin diote eta laguntzen dute esparru hori indartzen. Zantzu negatiboak ere badira. Digitalizazioak sekulako atzerakada ekarri digula uste dut: esaterako, duela 10-15 urte ETBk haurren artean zuen nagusitasuna lehertu egin da. Prentsaren kasuan, estatuko prentsa askoz gehiago sartu da, jendeak ez du erosten El Pais, El Mundo edo El Diario.es , baina interneten asko kontsumitzen dira. Iritzi publikoari dagokionez, lehen gatazkak espazio handia zuen eta hori orain batez ere estatuko beste gai batzuek okupatu dute. Sare sozialetan estatuko txisteak eta informazioa zein erraz sartzen den ikusgarri da… Ez dakit aurrera edo atzera goazen, baina arrisku handiak ikusten ditut.
Zure ustez ba al da arrisku horren pertzepziorik gizartean, instituzioetan, unibertsitatean…
Uste dut ez dagoela. Hamarkadatan zehar asko eztabaidatu da komunikabideen eraginaz eta, esaterako, aipatu izan da nola 40 urteko frankismoan ez zen lortu euskal nazio sentimendua ezabatzea. Baina baziren beste autodefentsa mekanismo batzuk: ideologia, kultura sendoa… Gaur egun mekanismo horiek ahuldu egin dira: kultura eta gizartea oso aldakorrak dira, munduko kulturek gero eta antzekotasun handiagoak dituzte haien artean… eta, beraz, nire susmoa da komunikabideek gaur egun indar handiagoa dutela.
Milaka urteko herria gara, erromatarrak pasa dira hemendik, arabiarrak, Europako hizkuntza zaharrena, Franco… eta gu beti tinko hemen. Halakoak errepikatzen ditugu eta ez dakit ez ote dugun gehiegizko konfiantza horretan; hau da, milaka urtez iraun badugu, beste milaka iraun dezakegula uste dugu…
Mitologiaren kutsua hartzen du horrek guztiak gaur egun…
Iragana idatzi daiteke, baina etorkizuna idatzi gabe dago. Gaur egun nazio bat gara, baina bihar? Lurralde honetako hiru milioi pertsonak hartuta, batzuetan pentsatu beharko genuke ea gaur egun ere nazio bat garen.
Katalanek azken hamarkadatan zezenari adarretatik heldu diotela diozu. Zer egin dute?
Katalanek hasieratik ikusi zuten komunikazioa inportantea dela. [Jordi] Pujolek kontatzen du autonomiaren hasieran gizarteari erakutsi behar ziotela zerbait handia egin zutela, eta mahai gainean bi proposamen izan zituztela: polizia autonomikoa egin ala telebista. ``Pujolek argi esan zuen: telebista. Hemen telebista baino lehenago Berroziak [Ertzaintzaren aitzindariak] sortu ziren.
Katalanek hasieratik ikusi zuten argi komunikazio sare sendo bat behar zutela eta hortik etorri dira komunikabide sare sozial sendoa, hedabide pribatuak katalanismoan lerrotzea, ikus-entzunezkoen kontseilua, ikerketa… Generalitatean ere beti eduki dute gaia lehendakaritzan eta ez kultura sailean. Beste gauza batzuekin batera, nazio estrategia baten erdian kokatu dute komunikazioa. EAEko lehen gobernuan komunikazio sailburuordetza bat izan zen ETB sortu arte eta kito.
Industrian, adibidez, bai egin dira plan estrategikoak eta baliabideak ere jarri dira. Komunikazioan ez da maila horretako planik egin. Horrekin agian bihar aberatsak izan gaitezke, baina zer izango gara: espainarrak, euskaldunak, globalak… Herri izaera emango diguna ez da industriatik etorriko, trenetik; etorriko da nortasunetik, hizkuntzatik, kulturatik, eta horretarako komunikazioa behar da. Instituzioetatik ez da horren beharrik ikusi. Pertsona bakarren batzuk ikusten dute, baina horren aldeko politikarik ez da garatu.
Zeintzuk izan beharko lirateke Euskal Herriaren espazio komunikatiboa eraikitzeko estrategiaren zutoinak?
Administrazioa, gizarte zibila eta mundu pribatuaren arteko komunikazio politika adostu bat izatea, hori lehena. Komunikazio legeak Europako estatu guztietan daude, hemen ez. Eta hor bai begiratu behar diogu historiari, hemen naziogintzan eta euskararen kasuan, egin denaren zati handi bat herri ekimenetik etorri da eta. Hori ezin da bazterrean utzi.
Gaur egun zientzia fikzioa dirudi Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren arteko koordinazioa bilatzea komunikazio legeak garatzeko.
Duela gutxi Arantxa Tapiak esan zuen AHT estrategikoa zela lurralde kohesioaren ikuspegitik. Nik eskema hori nahi dut komunikazioan ere bai. Gaur egun badira baldintzak Euskal Herri osoan pausuak emateko alor honetan. Duela 100 urte Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zireneko antzeko planteamendua beharko litzateke: "Herri bat gara eta mugitzen ez bagara desagertuko gara, beraz, behar ditugu gutxieneko instituzio batzuk". Eta Hegoaldeko lau diputazioen sostenguarekin aipatu bi erakunde sortu ziren. Zergatik ezin da halako zerbait egin komunikazioaren esparruan? Zergatik ez euskararen telebista bat euskararen lurralde guztian? Jakina, horretarako gainditu behar da logika partidista eta pentsatu behar da komunikabide horiek alderdien gainetik egon behar dutela.
Arreta berezia jartzen duzu telebistan. Zergatik?
Gaur egun gehien hedatzen den komunikabidea delako. Prentsa ere oso inportantea da, jakina, sortzen duelako irudi bat elite politiko eta kulturaletan eta horrek eragina duelako gizarte osoan, baina jendearengana modu zuzenean iristeko medio indartsuena telebista da.
Dagoeneko ETB ia Euskal Herri osoan ikusten da.
Bai, baina gutxienez baditu bi arazo handi: bat, jende gutxik ikusten du eta bi, alboan ditu ehunka telebista, espazio estatalak eta globalak elikatzen. Badugu ETB, baina indartu behar dugu. Horrez gain, komunikabide batek bakarrik ez du ezer egingo, komunikazioa sistema gisa pentsatu behar dugu. Gaur egun oso telebista gutxik lortzen du audientziaren %15etik pasatzea, baina askoren lana batzen baduzu, %80k birsortzen dute Espainia. Sistema bezala jokatzen dute. Guk daukagu telebista bat sistema oso bati aurre egiteko.
Espazio nazionala ahula da beste biekin konparatuta eta espazio nazional horretan euskarazkoak gutxi gara: ETB, Euskadi Irratia, Berria, ARGIA, Hamaika…
Ordaintzen ari gara komunikazio estrategia falta hori eta ordaintzen ari gara euskararen normalizazio politika oker bat. Euskararen berreskurapenean eskola izan da apustu nagusia; oso apustu handia egin da, arazoak arazo emaitzak eman ditu ezagutzan, baina hori ez da behar adina lagundu beste politika batzuekin. Eskolak irakatsi egiten du eta legeak exijitu –ofizialtasuna–, baina gero zerk bultzatzen du erabilera? Maila sozialean ez da behar beste egin, eta hor komunikabideek sekulako eragina dute.
"Bilbo Handian egunero komunikazio espazio nazionalean murgiltzen direnak %30 dira eta espazio estatalean egunero murgiltzen direnak %90".
Leku batek aparteko aipamena merezi du. Bilbo Handia aztertu duzu eta egoera latza da.
Oso latza. Bilbo Handian egunero komunikazio espazio nazionalean murgiltzen direnak %30 dira eta espazio estatalean egunero murgiltzen direnak %90. Azken hamar urteetan espazio nazionalaren portzentajeak %10 galdu du. Orduan, bilbotar askorentzat Euskal Herria zer da Bilbo Handitik ia mugitzen ez badira eta kontsumitzen dituzten hedabideak eremu estatalekoak badira? Hiriburu guztietako arazoa da, baina Bilbon da larriena eta han bizi da Euskal Herriko biztanleriaren herena.
Komunikazio esparrurik gabe, posible da euskal naziorik eraikitzea?
Uste dut gaur egun ezetz. Beste inork komunikazio esparrurik ez balu, guk ere iraun ahal izango genuke herri bezala. Baina komunikazio esparruz inguratuta gaude, bai estatuenak baita globalak ere, eta horren aurrean guk gurea ez badugu, ez dugu zereginik. Estatuarekin ere antzera gerta liteke: estatua beharrezkoa da herri bat izateko? Tira, besteek ez badute, zuk ere ez agian, baina besteek baldin badute zuk ere behar duzu, bestela irentsi egiten zaituzte. Estatu indartsu asko ere kezkatuta daude esparru globalarekin eta neurriak hartzen ari dira. | news |
argia-5de00d8bcacd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2618/brasilgo-eskuin-muturra-irabaztear.html | Brasilgo eskuin muturra irabaztear | Asier Blas Mendoza | 2018-10-28 00:00:00 | Brasilgo eskuin muturra irabaztear
Inkesten arabera Jair Bolsonaro izango da Brasilgo presidente berria, sorpresa handia litzateke Fernando Haddad PTko hautagaiak aurre hartzea. Bolsonaro kasu berezia da, eskuin mutur klasikoaren irudi, diskurtso eta oinarri sozialekin hobeto lotzen da Mendebaldeko eskuin populistako beste kasu batzuekin alderatuta, baina ez du desafiatzen sistemaren ezein sektorerik, bera da sistemikoetan sistemikoena. 1988tik da kargu politikoa, zazpi legegintzaldi daramatza Brasilgo Diputatuen Ganberan, bederatzi alderditan militatu du, hiru seme ditu politikan sartuta eta diktaduraren ondarea eta eskuineko ohiko programa (neoliberalismo basatia eta segurtasun autoritarioa) defendatzen ditu. Horrez gain, emakumeen eta gutxiengoen aurkako adierazpen ugari egin ditu.
Bolsonaroren arrakasta ezin da ulertu Brasilen gertatutako estatu kolpe biguna kontuan hartu gabe. Lehenengo, zirko mediatikoa eta politikoa direla medio, Dilma Rouseff kargugabetu zuten. Ondoren AEBetan trebatutako epaile batek Lula Da Silva kartzelaratu zuen, Lula erruduna zela esanez, nahiz eta frogarik ez izan. Michel Temer-en politika neoliberalen bitartez, oligarkia ekonomikoak Brasilgo Gobernuaren gaineko kontrola berreskuratu zuen. Herriak, ordea, Lula boterera bueltatzea nahi zuen. Baina, inkestek erakusten zuten Lulari botoa emateko prest zegoen hautesleriaren parte batek bigarren hautu bezala Bolsonaro zuela eta azkenean, horrela gertatu da.
Bolsonaroren arrakasta ezin da ulertu Brasilen gertatutako estatu kolpe biguna kontuan hartu gabe. Lehenengo zirko mediatiko eta politiko batekin Dilma Rouseff kargugabetu zuten, ondoren AEBetan trebatutako epaile batek Lula Da Silva kartzelaratu zuen, Lula erruduna zela esanez, nahiz eta frogarik ez izan
Brasilgo oligarkiaren B planak funtzionatzeko hiru faktore izan dira erabakigarriak: a) herritarren nahigabe politikoa eta sozioekonomikoa (ustelkeria, krisi ekonomikoa eta indarkeria/delinkuentzia); b) Bolsonarok zenbait sektoreri entzun nahi zutena esatea zuzentasun politikoa hautsiz; eta c) aurkariaren ahultasunak ondo jakin izan ditu ustiatzen (lidergo falta Lularen kartzelaratzeagatik, ezkerraren hauteskunde kanpaina kaskarra eta PTren estigmatizazio mediatikoa ustelkeriagatik).
Datafolha enpresak urriaren 10ean eginiko inkestaren arabera, Bolsonarok ipar-ekialdeko eskualde pobrean izan ezik, gainontzeko eskualdeetan erraz irabazten du, bereziki hegoaldeko eskualde aberats eta garatuenetan. Hain zuzen ere, 2015-2016 urteetan PTko gobernuaren kontra mobilizatu ziren hiri aberats eta ustezko progresistetan. Lehenengo, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta jende aurrerakoia datoz eta ondoren, Bolsonaro nagusitzen da.
Eskuin muturreko liderra adin tarte guztietan, zurien (%59), horien (%52), mulatoen (%47), indigenen (%41), gizonen (%57), emakumeen (%42), katolikoen (%46) eta ebanjelisten (%60) artean izango litzateke irabazlea. Beltzen artean berriz, PTko hautagaia da nagusi %45arekin, baita ere gehienez bi soldata minimo irabazten dituzten herritarren artean (%44ak) eta oinarrizko hezkuntza maila duten hautesleen artean (%44ak). Bi eta bosten arteko soldata minimoa irabazten dutenen artean garaipen erraza lortzen du eskuin muturreko hautagaiak, %58a %30aren aurrean; bost eta hamarren arteko soldata irabazten dutenen artean, %62 eta %28 da harremana, eta azkenik, hamarretik gorako soldata irabazten dutenen artean %62 eta %30. Antzera, hezkuntza maila ertaina dutenen artean: %53k Bolsonaroren alde egiten du eta hezkuntza maila altua dutenen artean %58k.
Eskuin muturreko hautagaiak bere oinarri soziala diren klase ertain eta altua ondo lotu ditu, bien bitartean klase apalenen artean gehiengoa lortzen ez badu ere lehia estua du hautagai ezkertiarrarekin. Pobreek egunero bizi duten indarkeria jarri du eztabaiden erdigunean boto hori erakartzeko. PTk berriz, lehen itzulian ez du asmatu klase apalenen ardura materialak erdigunean jartzen. Bigarren itzulian Bolsonaroren boto emaileenganako irainak protagonismoa galdu eta diskurtso sozioekonomikoak irabazi du pisua ezkerreko hautagaiaren kanpainan. Berandu izango ote da? | news |
argia-05764e7873cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/gaitzespenaz-harago.html | Gaitzespenaz harago | I�aki Mendiguren | 2017-06-11 00:00:00 | Gaitzespenaz harago
Gure morala, justizia eta abar, aukeramenean oinarritzen dira. Gizakia libre da ongia edo gaizkia aukeratzeko; beraz, gaizkia egiten duenari zigorra. Ez ote da normala?
Gure morala, justizia eta abar, aukeramenean oinarritzen dira. Gizakia libre da ongia edo gaizkia aukeratzeko; beraz, gaizkia egiten duenari zigorra. Ez da normala?
"Nahi duguna aukeratzeko erabateko askatasuna dugula: ideia hori ez da zuzena eta sufrimendu handia eragin du. (…) Gure sexu-orientazioa ez da aukeratzen, baizik eta programatuta dago umetokitik. (…) Pederastia ere garunaren garatze-fase goiztiar batean programatzen da" (480. or.).
Gizakion jokabidean faktore biologikoek, genetikoek, neurologikoek, haurtzaroko heziketak eta esperientziek, ingurune sozio-ekonomikoak... eragiten dutela jakinda, kondena sutsuak baino askoz gehiago interesatzen zait zergatikoak "ulertzea", adibidez: zergatik sentitzen dute gizon batzuek haurrenganako sexu-erakarpena, eta zergatik kontrolatzen dute batzuek errazago eta beste batzuek nekezago joera hori? Zergatik gara gizonok emakumeak baino bortitzagoak, batzuk beren seme-alabak hiltzeraino hauen amarenganako gorrotoz? Eta abar. Galdera horiei "oso gaizto eta maltzurrak direlako" erantzuteak gutxi asetzen nau ni, "gaizto eta maltzurrak" zergatik garen jakin nahi dut. Baina geure emozio, interes edo aurreiritziak jokoan daudenean, ez da onartzen galdezka hastea: delitua edo krimena zuritzea omen da hori, ahulezia eta konplizitatea, biktimentzat iraingarria.
Oraintsu arte askorik ez dugu jakin geure burmuin edo garunaren funtzionamenduaz. Orain neurozientziak egundoko aurkikuntzak egiten ari dira gizakion jokabideaz
"Gaixotasun psikiatrikoak edo neurologikoak dituzten pertsonez beteak daude espetxeak" (228. or.). "Gure herentzia genetikoak neurri handian baldintza dezake gure jokaera erasokor eta kriminala"; eta nerabeei buruz ari delarik, neurologoak dio: "Gaizkile hauei maiztasun harrigarriz detektatu zaizkie arazo psikiatrikoak; espetxean dauden mutilen kasuan proportzioa %90eraino ere iristen da" (224. or.).
Oraintsu arte askorik ez dugu jakin geure burmuin edo garunaren funtzionamenduaz. Orain neurozientziak egundoko aurkikuntzak egiten ari dira gizakion jokabideaz; eta aurkikuntza horiek erronka izugarrien aurrean jartzen dituzte gure irakaskuntza-sistema, morala, sistema juridiko eta penala.
Biziki gomendatzen dizuet Dick Swaab holandar neurologoaren liburua irakurtzea: Somos nuestro cerebro ( Nous sommes notre cerveau ). Eztabaida handiak eragin ditu, baina ados ez dagoenak ez lioke, nire ustez, erlijio, moral, filosofia edo ideologiatik erantzun beharko, baizik eta beraren ikerketa-eremutik. Eta ikusirik geroz eta zientzialari gehiago dabiltzala ildo beretik –gure artean interesgarria Gurutz Linazasoro–, ez genuke aurkikuntza horien aurka borroka antzurik hasi behar, historian hainbestetan bezala. Buru osasuntsuagoak eta jendarte sanoagoa eraikitzeko giltzarri garrantzitsuak eman diezazkigukete! | news |
argia-456a7c80fcf6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/pragmatismoen-konfrontazioa.html | Pragmatismoen konfrontazioa | I�aki Antiguedad | 2017-06-11 00:00:00 | Pragmatismoen konfrontazioa
Mundu poliedrikoa da hau, gero eta konplexuagoa; likidoa edo. Batzuentzat sikiera gaurkoa ez da iraganean amesten genuen gero hura. Denetariko egon da orainoko bidean, baina gauden puntuan gaude, ez beste inon. Eta gauden puntua da gaurko abiapuntua. Pragmatismoa? Bai horixe! Baina kontuz, bada pragmatismo mugatua, eta mugatzailea, kudeaketaren egunerokora mugatua, eta pragmatismo eraldatzailea, kudeaketa barne hartzen duen burujabetza sozio-politikoa gauzatzeko eskumenak eskura nahi dituena.
Pragmatismoon konfrontazioan ari gara. Batzuek mugen arteko kudeaketa goresten dute, Estatuko momentuko aukera urriak baliatzen saiatuz, kudeatzeko ahalmenean pausotxo berriak emanez, sigi-saga, baina burujabetzari karkasa eta mamia ematen dizkion apustu estrategikoa inoiz heltzen ez den gero baterako utziz. Gaur, datuak datu, gurean nagusi da pragmatismo mugatzailea. Bestalde, burujabetza soziala lehenesten dugunok arazo asko topatzen dugu zabaltzen ari garen bidean. Gurea apustu sozio-politiko globala da, estrategikoa, integratzailea, erronkak perspektiban hartzen dituena… Baina, beharbada, hori berori dugu arazorik handiena: likido den gizarte bati erakargarri egingo zaion norabide alternatibo solidoa eskaintzea, apustuak inertzia asko apurtzea baitakar. Eta, momentuz, ez gara hain onak, benetan. Ondorioz, gure apustua ez da, gaurkoz, pragmatismo mugatzailea gainditzeko bestekoa. Errealitatea errealitate.
Baina inertziak ez dira bakarrik gizartean, eragileen esparruan ere badira; hori txarragoa da. Pragmatismo eraldatzailera bidean, geroa desberdina egingo badugu, baztertu egin behar dira iraganeko hainbat kontu zurrun. Zurruna eta solidoa ez baita gauza bera. Hortaz, gizartean eragiteko mugimenduak ikusten ditut eraginkorrago, alderdiak baino, berriak izanda ere. Pertsonen bestelako parte-hartze politikoa ahalbidetu dezaketelako, zabalagoa, zuzenagoa; horizontalagoa instituzioen bertikala ahaztu gabe. Hola, oso positibo hartzen dut EH Bilduren birfundazio prozesua, burujabetza sozialaren bidean alderdietatik haratagoko espazio politiko-instituzional gisa sendotze aldera. Ezinbesteko jauzia da hori inertziak gainditzeko, inertziatzat hartzen baitut nik batzuek alderdiari, bata zein bestea izan, eta banaketa-kuotei dieten debozio kezkagarria.
Izan ere, gure prozesuak politika-eredu berriak ez ezik politika-eremu berriak ere behar ditu, burujabetza sozialaz sektore berriak konbentzitzeko, gehiengo gabe ez baita hura lortzerik. Eta horretarako, inertziak utzi eta pragmatismoari eutsi, eraldatzailea eta eraginkorra. Hiztegi berrituaz. | news |
argia-e4bb9391a3f3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/gasteizko-lokaletan-zer-den-besteak-beste.html | Gasteizko lokaletan zer den, besteak beste | Jon Aranburu Artano | 2017-06-11 00:00:00 | Gasteizko lokaletan zer den, besteak beste
Hala Bedi Rock jaialdiaren kronika. Maiatzaren 20an, Gasteizko Gaztetxean. Taldeak: Ziklone, Begitruk, Karma Xutra, Red Iron Squad, D-tox, Exkizofrenikos.
Uda giroarekin batera, alergiak nola, halaxe agertzen dira batean eta bestean musika jaialdiak; halako Rock, bestelako Fest, edo inolako Sound, ez dago hiririk, elkarterik, lurralderik halako festibal bat antolatzen ez duenik. Eta pataterook, nola ez, ez gara gutxiago izango. Azkena Rock hor dago, bale, baina etxekoei baten batek kasu egin beharko die, ezta? Horrelaxe sortu zen Hala Bedi Rock jaialdia, duela 9 urte; eta bueno, Hala Bedi Irratiari babesa emateko.
Urte hauetan hainbat talde pasa dira Gasteizko Gaztetxetik, eta oraindik ez du bakar batek ere errepikatu; harrobia badagoen seinale. Sei talde izan genituen oraingoan ere taula gainean, denak gasteiztarrak. Batzuek diskorik ez esku artean, oraindik. Zenbaitek esku batekin kontatu daitezkeen adina kontzertu emanda, eta besteak koadrilaz aparte beste entzulerik izan ez zutela. Aukera ona, "eszena" deitzen zaion horri pultsua hartzeko, lokaletan zer den jakiteko.
18:00etarako, puntual, Ziklone igo ziren eszenatokira. Bidasoako erritmo eta gitarra riff-etan dabilen hirukoa –kanta pare batean laukotea– da Ziklone. Taldekideren bat aurretik ere esperientziaduna bada ere –Kashbad, Trumbo...– hasiberrien ilusioarekin heldu zioten emanaldiari, eta dotore aritu ziren, benetan. Gertutik jarraituko ditugu.
Bigarrenak, ordubetera, Begitruk-ek lehen punk doinuak ekarri zituen; Agurain aldeko punk doinuak, zehatzago esateko. Gogotsu aritu ziren ia ordubetez euskara eta gaztelera tartekatuz, eta bertsioren bat joz –Basque Country Pharaons-en Yo vivo en ese coche dotorea–.
Segidan, eta ia arnasik hartu gabe, Karma Xutrak hartu zien lekukoa. Hauek ere argi utzi zuten punka izango zela iluntzeko soinu banda. Aurrekoak baino oldarkorrago eta estetika zainduagoarekin, jaialdian atentzio gutxien jarri nienak izan zirenez, askoz gehiago ezin esan. Denean ezin da egon, aizue.
21:00ak izango ziren –puntualitatea zorrotz zaindu zen– gazteenetakoak taulan zirenerako. Red Iron Squad taldeak lan bakarra du argitaratua oraingoz; rock gogorra egiten dute, AEBetako hegoaldeko kutsua duena, saxo eta guzti. Indartsu ikusi nituen, gogotsu eta jarrerarekin. Hauek ere, gertutik zaintzekoak.
Eta azken txanparako punk-oldea bueltan etorri zen. Hasteko D-tox, eta, segidan, Exkizofrenikos. Lehenengoek hiru bat disko badituzte kalean, eta taula dezentetan jo izan dute; bigarrenek, ezin asko joak izan, zaharrenak 18 urte ere ez baitzituen izango. Beteranoek punk rock indartsua egiten dute; gazteek, berriz, 1980ko hamarkadara eraman gintuzten. Nabaritu zen batzuen esperientzia, teknika, egonarria, eta besteen ausardia, DIY filosofia eta urduritasuna. Kontuak kontu, bietan ala bietan, ordurako bero zegoen entzuleriak gustura hartu zituen azken garagardoak, harik eta gauerdia iritsi arte; izan ere, Gasteizko Gaztetxean gauerditik aurrera ezin da jo. Bai, ordea, dantzarik egin, auzokideei enbarazo egiten ez zaien artean. | news |
argia-e01abdf5fb5c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/marie-faye-kaleko-saltzaileen-duintasuna-aldarri.html | "Sistemak erraietan sartzen digu manterooi errudunak garen ustea" | Saioa Baleztena | 2017-06-11 00:00:00 | "Sistemak erraietan sartzen digu manterooi errudunak garen ustea"
Marie Faye (Mbour, Senegal, 1985) Bartzelonako Udalak sustatu duen DiomCoop kooperatibako kide da. 2011n iritsi zen Bartzelonara; helburua unibertsitatean sartzea zuen arren, traba juridikoen ondorioz kaleko salmentan murgildu zen. Orduan ezin imajinatu sei urte geroago kaleko saltzaileen duintasunaren aldeko kooperatiba batean parte hartu eta unibertsitate ikasketak gauzatuko zituela.
Nola iritsi zinen Bartzelonara?
Baimenik gabe etortzen garenok badakigu hasieran familiaren batek hartuko gaituen arren, gero biziraun behar dugula. Hasieran trentzak egiten hasi nintzen, baina laster ikusi nuen ezin nuela horrela jarraitu. Poliziak ez gintuen pertsona modura tratatzen, duintasun falta ikaragarria zen; dirua bilatzeko biluzten gintuzten, gorputz osoa ukitu… Ezin nuen hori jasan. Are gutxiago trentzak egite hutsagatik, horrek ez dio inori kalterik egiten.
Zergatik aukeratu zenuen Europa?
Zintzoa izango naiz: nire kolektiboko kide gehienentzat ez bezala, niretzat Europara etortzea ez zen ametsa. Betidanik jakin izan dut zein ziren hemengo zailtasunak eta argi nuen Senegalen hobeto egongo nintzela. Baina nire ametsa ikastea zen eta nire familiak nahi zuen ni hona etortzea, ikasketak bermatu eta urrun iristeko.
Hemen legea zuen kontra doa.
Jendeak zergak ez ordaintzeagatik epaitzen gaitu baina arazoa da sistema eginda dagoela guk legean tokirik ez izateko. Lanik ez baduzu ezin duzu baimenik izan, eta baimenik gabe ezin duzu lanik lortu. Iritsi nintzenetik nire lehendabiziko erronka egoera juridikoa legeztatzea izan zen. Baina zailtasunak besterik ez nituen aurkitu.
Nola eragiten dute zailtasun horiek zuen kolektiboan?
Sistemak erraietan sartzen digu errudunak garen ustea. Infernua da. Eta baimenik gabe gauden gehienok ez dugunez gure eskubideen berri, kaleko salmentan dauden gehienak ezdeus sentitzen dira. Nik erruduntasun hori sentitu nuen lehendabiziko hilabeteetan, baina segituan konturatu nintzen bidegabea zela, hemengo sistemak ez zidalako baliabiderik ematen egoera aldatzeko.
Sistemaz aparte gizarteak ere mugak jarri dizkizu?
Gizakiok berezkoa dugu epaitzeko joera. Beraz, nahita edo nahi gabe, gu epaitzea ulertzen dut. Onartezina dena da gure errealitatea ezagutu gabe gu kondenatzea. Norbait lapurra bada, nik ezin dut jakin zerk eraman duen halakoa izatera. Edo, ni bezalako neska batek kalean bere gorputza saltzen badu, nik zer dakit zerk eraman duen hori egitera? Bakoitzaren bizitza errespetatu behar da, are gehiago kontuan hartuta gutako gehienak gure baloreekin borrokatzen aritu garela, bizirauteko. Gainera, delitu guztien artean gurea txikiena da, baina sistemak handiena izango balitz bezala tratatzen gaitu. Garai batean Bartzelonako portu inguruan egoten ginen, eta inguruan droga saltzen zuen jendea zegoen. Baina polizia zuzenean etortzen zen gu atxilotzera, droga saltzen zutenez paso eginda.
Azken hilabeteetan bizitza aldatu zaizu. Nola suertatu zitzaizun DiomCoopen sartzeko aukera?
Kohesio sozialaren arloan dabilen Cepaim Fundaziotik deitu zidaten, kooperatiba sortzeko asmoa zegoela jakin zutenean gure kolektiboan zabaldu zutelako albistea. Elkarrizketa-deialdiak egin zituzten eta nik parte hartzea erabaki nuen. Bi elkarrizketaren ondoren kooperatiba osatzen dugun hamabost senegaldarren lehen bilera egin genuen.
Zenbateraino izan da garrantzitsua zuretzat kooperatiba horretako kide izatea?
Erabakigarria izan da, urte askoko sufrimendu guztiaren ondotik argi izpi bat agertu zaigu. Kooperatibak izan nahi du Bartzelonako mantero -en arautzea bermatzeko baliabidea. Horretaz aparte, bilatzen ari gara kaleko salmenta arautzeko aukera, adibidez salmenta legala bermatu dezaketen espazio jakinak zehaztuta. Kooperatibako kide bakoitzak 500 euroko diru-laguntza jasotzen du hilabeteko, kalean saltzen ibili behar ez izateko. Kooperatiba honek eredu izan beharko luke gainontzeko lurraldeetan ere zabaltzeko.
Zein da DiomCoopen lan dinamika?
Kooperatiba osatzen dugunon artean badira paperak dituzten hiru, bestela ezin izango genukeelako elkartea osatu. Oraingoz, salmenta-guneen bila ari gara. Ordu asko dira. Bartzelonako distritu guztiekin lanean ari gara, aukerak zeintzuk diren ikusteko. Taldeko beste kide batzuek formazioa egiten dute, gure lana gizarteratzeko asmoz.
Helburua urtetik urtera kide gehiagok parte hartzea da, ezta?
Bartzelonan 300 mantero gara guztira eta helburua da 2018an hamar lagun gehiagok parte hartzea. Baina horretaz aparte, kooperatiba ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz jarduera gehiago garatzeko aukerak aztertzen ari gara. Edozein kasutan, dagoeneko zerbait irabazi dugu, kooperatiba honek egin duen gauzarik handiena baita kolektiboak kontzientzia hartzea.
Kooperatibaz aparte ekonomia ikasketetan murgilduta zaude. Nola eragin dizu unibertsitatean sartzeak?
Hiru urtez bulego guztietan ukatu zidaten ikasteko aukera. Azken saiakeran 25 urtetik gorakoei zuzendutako lehiaketa batean parte hartu nuen unibertsitatean sartzeko. Informazio eske joan nintzenean idazkariak sarbidea debekatua nuela esan zidan arren, mirariz, zuzendaria sartu eta baietz, parte hartu nezakeela esan zidan. Beti eskertuko diot; nire amesgaiztoa berari esker bukatu zen. Lehen eskolara joan arte ez nuen sinetsi. | news |
argia-900a30fcaa58 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/joseba-verdugo-lgtbi-mugimenduan-militante.html | "Herrian armairu bat erretzea ekintza sinbolikoa baino gehiago izan zen" | Eider Madina Berasategi | 2017-06-11 00:00:00 | "Herrian armairu bat erretzea ekintza sinbolikoa baino gehiago izan zen"
Joseba Verdugo Goikoetxea naiz, 26 urteko garestarra. 10 urte daramatzat LGTBI mugimenduan militatzen eta Lugatibe kolektiboko kide naiz.
16 urte nituela hasi nintzen astero-astero autobusez herritik Iruñera joan eta orduko Kattalingorriko kideekin elkartzen, sekulako liberazioa izan zen niretzat. Norberak bere bizipenak zituen, adin eta ikuspuntu desberdineko jendea elkartzen ginen.
Ordutik hainbat aldaketa ikusi ditut; 2011n antzeko ideologia genuen talde bat elkartu eta Lugatibe sortu genuen: Iruñeko gazte transmarikabollo eta queer asanblada da, apolitikoa eta era autogestionatuan lan egiten duena.
Militantziak, aldarri politikoaz gain, babesa, sarea eta lagun taldea eman dizkit; eta bizitzako une garrantzitsu asko. Duela zenbait urte, herriko plazan, bertako talde feministarekin armairua erre genuenekoa datorkit burura, berezia izan zen, ekintza sinbolikoa baino askoz gehiago. Izugarri lagundu zidan ahalduntze prozesuan, herrietan etxeko ezkutalekutik kalera ateratzea pauso handia da.
Azken bi urteetan nabaritu da aldaketa Nafarroan, inplikaziorik ez zuten erakundeek LGTBI kolektiboekin harreman zuzena izan duten heinean. Horren adibide dira iaz abiatu zen Kattalingune arreta zerbitzua, maiatzean ireki berri den sexu eta genero aniztasunen unitate administratiboa edota hilabete honetan onartuko den LGTBI Foru Legea.
Hori guztia eskertzekoa da, protokoloak eta legeak alde izatea abantaila delako, baina tentuz ibili behar dugula iruditzen zait, ezin gara erlaxatu eta kalea ahaztu. Lege eta eskubideak irabazi bezala gal daitezke eta sarri ez dira nahikoa izaten. Indarkeria matxistaren aurkako legea, adibidez, lorpena izan zen, baina argi dago hutsune asko dituela. Lugatibekook distantzia apur bat hartu dugu, azken mendeetan gure kontra aritu diren botereez ez baikara erabat fio.
Nerabezaroan Iruñeko dantzaleku batean musuka ari nintzela, irainak, listua eta izotzak jaurti zizkidaten. Orduan ez nuen oraingo tresnarik ezta babes sarerik ere, eta lokaleko atezainak gu bota gintuen istiluen sortzaile izatea argudiatuta.
Badirudi ordutik gauzak aldatu direla, baina orain urte eta erdi, mehatxuka eta irainka hasi zitzaigun mutil gazte talde bat Iruñeko Alde Zaharrean ekintza berdinarengatik. Erantzuna bestelakoa izan zen, Lugatibeko kideekin ginen eta denok elkarri musuka hasi ginen. Mehatxuka jarraitu zuten baina kaleko jendearen babesa jaso genuen eta alde egin zuten. Foruzainen aurrean salatzea erabaki genuen, tratua egokia izan zen, baina agenteak ez zuen jakin halako eraso baten aurrean nola jokatu eta talde erlijioso edo etnikoen kontrako eraso gisa sailkatu zuen gurea. Horregatik uste dut, babes juridikoa beharrezkoa izan arren, babes soziala sustatzea ere garrantzitsua dela.
Ezagutzen ez ditudan hiri eta lekuetan ez naiz seguru sentitzen. Konfort eremuetan ibili ohi gara, burbuilan mugitzea errazagoa delako. Gaindituta dagoela ikusarazi nahi dute, baina ez da egia, asko dago egiteko. Homosexualitatearen hiriburutzat dugun Madrilen, intentsitate ezberdineko eraso homofoboak egunero gertatzen dira.
Ildo horretan, mundu osoan zabaltzen ari den eskuin muturraren gorakadak beldurtzen nau. Arrazakeria, homofobia eta matxismoa berrindartzen ari dira. Hazte Oír erakundeko autobusa adibide garbia da, neomatxismoa indarra hartzen ari da eta atzean babes erlijiosoa, politikoa eta ekonomikoa ditu.
Autokritika kolektiboa egin behar genuke. Gay mugimenduan despolitizazioa nabari da, pinkwashingaren bidez LGTBIaren instrumentalizazioaren aroan sartu gara eta horri kapitalismoak euro ibiltari gisa ikusten gaituela gehitu behar zaio. Enpresek merkatu handia ikusi dute eta Harrotasunaren Eguna horren gorazarre bihurtu da. | news |
argia-8fb5b70f0415 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/araba-euskaraz-bastidan.html | 1978 hartan, apaizaren babesean, ikastola abiatzeko ume bila | Miel Anjel Elustondo | 2017-06-11 00:00:00 | 1978 hartan, apaizaren babesean, ikastola abiatzeko ume bila
Wow!, lelopean, Bastidan dugu aurten Araba Euskaraz, ekainaren 18an. Bastidan, beste behin, lehen ere lau aldiz hartu baitu herriak Arabako ikastolen jai nagusia. Hamar gela, hamahiru irakasle eta 165 ikasle dira gaur egunean Bastida Ikastolan eta, beharbada, errealitate hauxe zuten amets 1979an ikastolaren asmoari ekin zioten aitzindariek. Gela bat, andereño bat eta zazpi ikasle izan ziren orduan. Eragilea, berriz, Bastidaz kanpotik etorri zen Ikastolen Federazioaren izenean: Jose Mari Rekarte.
Ez da ohikoa Rekarteren soslaia. Aldi jakin batean bete zuen egitekoa, bederen. "Juanito Zelaiaren misioa zen nirea: ikastolak han eta hemen irekitzen saiatzea". 1970eko hamarkadaren hasieran, 1973an, Euskararen Zerbitzua sortu zuen Manuel Maria Lejarretak zuzentzen zuen Arabako Diputazioak. Visitacion Oiarzabal jarri zuen zerbitzuaren buru, arduradun eta langile bakar, eta euskarazko gela ireki zuen Txagorritxu auzoko Gazalbiden. Laster zen abian euskarazko irakaskuntza Aramaion ere, Diputazioak eraginik.
Ordurako indar handian zetorren Gasteizen Olabide Ikastola, eta Foru Aldundiak, berriz, zenbait ikastola sortzeko urratsak egin zituen Arabako hiriburuan, baina hiriburuan besterik ez. Horretan, Diputazioa heldu ez zen –are, heltzeko xederik ez zuen–, bazter zokoetara jo zuen Jose Mari Rekartek. "Agurainen hasi ginen euskarazko gela bat irekitzen, urtea zuzen ez badakit ere. 1974 izan liteke. Ondoren, Lautadan bertan. Araian ireki genuen gela, eta Dulantzin ondoren". Horietan gela bana ireki eta gero, hazia jarririk, abiatu zen Jose Mari Rekarte herrialdean hegoaldera, Kantauri mendilerroaren beste aldera, Arabako Errioxako herrietara: Lapuebla Labarka, Oion, Lantziego, Eskuernaga, Mainueta, Bastida zituen jomuga. 1978a zen.
Jose Mari Rekarte, eragile
Gidalibururik gabe, beti bat eta bera egiten zuen Jose Mari Rekartek herri guztietan. "Metodo bat erabili nuen herri guztietan, eta herria zeinahi zela ere: apaizarengana jo eta jaiotza-liburuak aztertzen nituen 3 eta 4 urteko haurren bila. Ondoren, idatzia prestatzen genuen, nola edo hala elizaren babesa genuela adieraziz –arazorik sor ez zedin–, eta adin txiki horretako haurren gurasoei bilera-deia egiten nien idatziz; edo neure izenean sinatzen nuen, edo ikastolen federazioaren edo guraso elkarteren baten izenean". Haurrak euskaraz eskolatzea proposatzen zien Rekartek gurasoei, eta bazuen abantailarik: "Gogoan hartu behar da garai hartan eskola publikoak ez zuela 6 urte arteko haurrik eskolatzen. 3-4 urteko umeak hartzen hasi ginen, eta 5 urtekoak ere hartu genituen gero. Handik laster, 2 urtekoak ere hartzeko eskaintza egin genuen. Haurrak euskaraz eskolatzea zen gure helburua, ikastola sortzea". Bilera hartan hasten zen Rekarte lehen aliantzak egiten. "Hasieran, bakarrik edo Ramon Basarasekin joaten nintzen dena delako herrietan egiten genituen bilera haietara, baina laster egiten genuen lotura estuagoa baten batekin, proiektuarekin inor baino gehiago inplikatzen zen herritarren batekin". Horrela jardunez, harroin horren gainean eraikiko zuten batean eta bestean herriko ikastola.
Rekartek –oroimen eskasa duela dio–, Jose Luis Petralandaren eta Miren Uriarteren izenak ditu gogoan, euskarazko gela irekitzeko asmoarekin bat egin zuten gurasoen artean: "Baina baziren besteren batzuk ere. Lan handia egin zuten, asko mugitu ziren". Petralanda eta Uriarte ez ezik, gehiago ere izan ziren, hala ere, umeak ikastolaren gelara bidali zituzten familiak. Eta izan behar, 1979-80ko lehenengo ikasturte hartan zazpi ume bildu baitziren dena delako gelara.
Bastida Ikastolako ikasleak. Argazkia: Zaldi Ero.
Miren Uriarte, ama
Rekarteren oroimen eskasari laguntzera dator arestian aipatu dugun Miren Uriarte, Bastidako ikastolaren hazi izango zen gela hartara umea bidaliko zuen ama. "Bi gizonezko etorri ziren gure etxera [Jose Mari Rekarte eta Ramon Basaras, inondik ere], gure aitarekin hitz egitera. Ikastola sortzeko asmoa zekarten. Aita operatu berria genuen, ordea, ez zen etxetik irteteko gauza, eta horixe esan zien bi gizonei: oso ideia egokia iruditzen zitzaiola, baina momentu hartan ez zela ezertarako gauza. Orduan, lasai egoteko esan nion, neuk hitz egingo nuela herriko zenbait familiarekin". Horrela etorri zen Bastidan euskarazko gela irekitzeko lehen bilera egiteko deia.
Mirenen aita gudari izana zen 1936ko gerran. "Jon Uriarte Amondarain zen, Zeanurikoa. Ez dakit xuxen zein batailoitan ibili zen, gudari ibili zela besterik. Gerra ostean Guardiako upategi batentzat lanean jardun zuen, kamioilari, eta horretan ari zela ezagutu zuen gure ama eta ezkondu zen Bastidara". Inondik ere, EAJ alderdikoa, erreferentzia horiexek harturik heldu ziren uriartetarren etxera Rekarte eta Basaras, ikastolen federazioaren izenean.
Zeanurin jaioa, euskalduna zen Jon Uriarte, euskaldunak lau oilo ziren herrian. Nabarmena, beraz. "Ama Bastida bertakoa dugu, ez daki euskararik, eta guk ez dakigu hemen, herrian bertan, euskarazko eskola batzuetan ikasi duguna baino. Euskaraz ez irakatsiagatik ere, aitak euskararekiko sentimendu ederra transmititu zigun. Bi gizon haiek ikastolaren asmoarekin etorri zirenean, eta gure aita ezindua zegoenez momentu hartan, neuk hitz egin nuen herriko zenbait familia jakinekin: Jose Luis Petralanda, Agustin Egiluz, Saez de Vicuña –ikastolako irakasle Gontzalen familia–, eta besteren batzuk. Haiekin kontaktatu eta gero, bilera egin zen". Horrela hasi ziren Bastidan, inguruko herrietan egin zuten modu bertsuan.
Rekartek badu oroitzapenik Bastidako ikastolaren hastapen hartaz. "Ez zen lantegi erraza izan. Agurainen, Araian eta Dulantzin neke handirik gabe ireki genuen bidea, baina lanak izan genituen Bastidan". Arabako Errioxako Bastidako herriaren gorabeherak.
Bastida, plaza zaila
Rekarteren ondoan ibilitako Ramon Basarasek bete zituen ikastola hasiberri hartako –eta gisako beste herri batzuetako ikastoletako–, idazkari eta administratzaile lanak. Bat dator Rekartek esanarekin: "Nik ere horixe esango nuke, Bastida ez zela erraza izan, nahiko prozesu gogorra izan zela euskarazko gela hura irekitzea. Esaterako, Oionen edo Lapuebla Labarkan baino nekeago izan genuen ikastolaren gela zabaltzea Bastidan". Konbentzimendua zen gorabehera, beharbada. Herriaren eta hizkuntzaren kontzientzia, menturaz. Hinki-hanka zeuden familiei zirt edo zart egiteko garaia heldu zitzaien arte. Basarasek esan digu: "3-4 urterekin ikastolaren gelara hasi ziren haurrek 6 urte bete zituztenean, haien gurasoek ikastolaren edo orduko eskola publikoaren hautua egin behar izan zutenean, zalantzak sortu ziren zenbait familiatan. Eta ikastolaren alde egin zuen zenbaitzuek ez dakit zergatik aukeratu zuten ikastola: seme-alaba euskaraz hazteagatik, edo orduko eskola publikora ez eramateagatik". Bastidan orduko eskola publiko aipu txarrekora ez eramateagatik, alegia, guardia zibilen seme-alabak eta ijitoak biltzen ziren tokira.
Aintzane Prieto, ikasle
Miren Uriarteren seme-alabetan bigarrena Aintzane 1978an jaio zen. Ondoko urtean abiarazi zuten euskarazko gela Bastidan, eta hantxe zen Aintzane 3 urte bete ordukoxe. "Eskola publikoaren eraikinean zen gure gela. Eta Amaia [Ibaibarriaga] izan nuen lehen andereñoa. Umeok ez ginen denok adin berekoak, batzuk urte bat edo bi zaharragoak ziren, baina txiki-txikiak ginenean ez ezik, hori horrela izan zen gerora ere. Zeren eta, adibidez, lehen promoziokoan zazpi ikasle bildu ziren arren, bigarrenean ez ziren lau baino gehiago. Eta gurean, hirugarrenean, zortzi: bost neska –Izaskun, Maria, Maria, Virginia eta ni neu–, eta Agustin, Gorka eta Sergio. Bastidako ikastolako ikasketak amaitu eta gero, hiru ikaslek Lapuebla Labarkako Assa ikastolan egin genituen BBB eta UBI ikasketak; batek, Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuan ikasi zuen; besteak Guardiara joan ziren. Koadrilakoak gara bost neskok, eta Gorka. Gaztelaniaz hitz egiteko ohitura dugu. Saiatu izan gara euskaraz egiten, baina arin jotzen dugu gaztelaniara. Aldiz, koadrilara bildu diren lagun berriekin euskaraz hasi nintzen eta euskaraz segitzen dut!". Hizkuntza ohiturak beti jokoan, diren eta ez diren euskararen herri guztietan. | news |
argia-344b82c20913 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/tosu-betirako-asanblada.html | Zementuaren aurrean, aitzurrak | Unai Brea | 2017-06-11 00:00:00 | Zementuaren aurrean, aitzurrak
2011n amaitu zuten Getxo eta Berango arteko Ibarbengoako metro geltokia eraikitzen, baina ez da sekula erabili. Oraingoz gauzatu ez den plan handiago baten parte zen geltokia: 8.000 etxebizitza landa izaerari eutsi dion eremuan, eta aparkaleku handia. Etxebizitzen proiektua alboratuta dago behin-behinean, ez ordea aparkalekukoa. Herritar talde batek sei urte darama hura egin nahi duten zelaian, egitasmoa geldiaraziz eta aldi berean bizimodu alternatiboa eraikiz. Ongi etorri Tosura.
Getxoko Udalean guztira zazpi geltoki dauden arren, metroa horietako seitan besterik ez da gelditzen. Zazpigarrena, ofizialki Getxo-Ibarbengoa izena duena, 2011tik dago eraikita, baina sekula ez da han trenik gelditu, sekula ez dute bidaiarien joan-etorria ezagutu haren nasek. Geltoki "mamua" esaten diote. Ezohiko lekuan dago, lauzpabost etxe baizik ez duen zelaiz betetako inguruan.
Agintarien asmoa betetzera, 300 autorentzako lurpeko aparkalekua egongo da, edo egon beharko litzateke jada, Ibarbengoako geltokiaren ondoan, Tosu izeneko parajean. Horren ordez, egun baratze batzuek, tarteka pankartaren batek eta etxola batek osatzen dute metroan doazenei Tosuk eskaintzen dien paisaia. Inoiz kanpin-dendak ere izan dira. 2011tik, geltokia amaitu zenetik, beti egon da norbait zelaia okupatzen, aparkaleku proiektua geldiarazteko borrokan.
Tosu Betirako Asanbladako zenbait kide, 2017ko urtarrilaren 21ean egindako manifestaziora deitzen. (Arg.: Hiruka-CC BY SA)
Getxoztar talde bat eguna belar janean ematen zuten behiekin espazioa partekatzen hasi zen garai hartatik asko aldatu da Tosuko landaren itxura. Orain ez dago behirik, eta belardiaren zati bat baratzeek hartu dute, baita zuhaitz batzuek ere, dena okupei zor. Etxola handi batek etxebizitza-biltoki funtzioa egiten du, txikiago bat dago komunerako. Etxola handian hartu gaituzte Tosu Betirako Asanbladako Nagorek eta Gorkak.
Beste 20.000 biztanlerentzako tokia egiteko plana
"2007an Bilbo metropolitanoaren Lurralde Zatikako Plana aurkeztu zen, Uribe Kosta ere hartzen zuena", azaldu du Gorkak; "zehazki, 30.000 etxebizitza egitea aurreikusita zegoen eskualdean, horietatik 8.000 Getxon". Gehienak Andra Mari auzoan egitea aurreikusi zuten –ingurukoek Getxo esaten diote, besterik gabe–, udalaren sorburu eta haren espazio berde apurretatik gehientsuenak gorde dituen inguruan, Berangoko mugan.
"Betidanik nekazari ingurua izan da Andra Mari", dio Gorkak. "Gutxika urbanizatuz joan da, eta denboraz, baserriekin batera txaletak eta bestelako etxebizitzak eraiki dituzte, baina landa eremu batzuk gorde dira". Testuinguru hartan iragarri zen 8.000 etxebizitza egiteko plana. "Ia beste Areeta bat egitearen parekoa da, 20.000 biztanlerentzako tokia, eta horrek dakartzan azpiegitura guztiak". Erantzuna berehala sortu zela gogoratzen dute Tosu Betirakoko kideek. Ordurako auzo elkarte indartsua zeukan Andra Marik. 3.000 lagun bildu zituzten urbanizazio asmoen aurkako manifestazio batean, 2007an bertan.
Ibarbengoako aparkalekuaren aurkarien ustez, bai metro geltokia bai parkinga bera inguruaren urbanizazioari atea irekitzeko lehen urratsak dira
Kaleko indar erakustaldiaz gain, udaletxe barruko oreka haustea lortu zuen Andra Mariko auzo elkarteak. Ezker abertzalea legez kanpo zegoela, berdeentzako botoa eskatu zuten, baita askotxo eskuratu ere auzoan. Beti bezala EAJk irabazi zituen hauteskundeak, baina ohi baino tarte estuagoarekin, eta udalean indar nahikorik ez zuela ikusita 8.000 etxebizitza egiteko proiektua baztertu egin zuen, garai hobeen zain. Handik laburrera agertu zen bete-betean krisia, higiezinen burbuilaren eztanda eta guzti. Hurrengo urteetan proiektua itzuli egin zen, baina apalago.
Zelaiak zementuz betetzeko asmoa momentuz bertan behera lagata ere, Ibarbengoako geltokia eraikitzen hasi ziren 2008an. "Auzotarren aspaldiko eskaria zen trenbidea lurpetik joatea Anda Marin", gogoan du Tosu Betirako Asanbladako Nagorek; "lortu egin zuten, baina Getxoko geltoki zaharra ere eraitsi zieten eta beste bat eraiki Bidezabalen, Algortatik hurbilago eta beraz auzokide askoren etxeetatik urrunago. Ibarbengoakoa eraikitzen hasteko aitzakia izan zen geltoki zaharraren ordezkoa egitea, baina aitzakia hutsa besterik ez zela bistan da, oraindik ireki gabe dago eta". Ibarbengoako aparkalekuaren aurka daudenen esanetan, bai geltokia bai parkinga bera inguruaren urbanizazioari atea irekitzeko lehen urratsak besterik ez dira.
Trafikoa arintzeko edo guztiz kontrakorako?
Tosuko aparkalekua Bizkaiko Garraio Partzuergoak sustatutako egitasmoa da. Getxoko alkatea, Imanol Landa jeltzalea, erakunde horretako Kontseilu Nagusiko bokala ere bada, eta Udaleko gobernu taldeak proiektua babesten du erabat. Haren iritzia zehazki ezagutzeko Hirigintza zinegotzi Joseba Arregirekin harremanean jartzen ahalegindu gara, baina udal iturriek orain dela hilabete batzuetako prentsa ohar bat igorri digute, esateko duten guztia hor dagoela adieraziz.
Oharrean, Getxoko gobernu taldeak "babes osoa" adierazten dio "Ibarbengoako Metroko aldirietako aparkalekua eta geltoki berria irekitzeko proiektuari, agerikoa baita mesedegarri izango dela Getxo eta Uribe Kostarentzat, mugikortasunaren eta ingurumenaren alorrean".
Getxon metroak maiztasun handiagoa du eskualdeko beste herri batzuetan baino. Udalaren esanetan, autoa uzteko tokia eskaintzeak aukera emango dio herritar askori maiztasun horretaz gozatzeko oso prezio merkean –egunean 70 zentimo ibilgailua bertan uzteagatik–, horri esker gidari asko ez dira Getxo hirigunera sartuko eta oro har errepideetatik auto asko kenduko dira. "Garraio publikoa eta autoa konbinatzen dituen aukera hori gero eta gehiago eskatzen dute herritarrek", Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arabera.
Gaur egun pertsona bat dago erroldatuta Tosuko zelaian eraikitako etxola honetan. Tosu Betirako Asanbladak, berriz, 10-15 kide ditu. (Arg.: Hiruka-CC BY SA)
Tosu Betirako Asanbladako kideak ez datoz bat: "Uste dugu aparkaleku bat eraikitzea inoiz ez dela autoak errepideetatik kentzeko; kotxea erabiltzeko beste azpiegitura bat besterik ez da", diosku Nagorek. "Hemen ondoan autobidea egin zuten ataskoak konpontzeko eta ez zituzten konpondu; orain aparkalekua… Beti aitzakia berarekin dabiltza". Bide batez, argi utz nahi dute ez daudela Ibarbengoako geltokia irekitzearen aurka, "azken batean eginda dago eta". Baina administrazioarentzat ezinbesteko baldintza da aparkalekua eraikitzea geltokia zabaldu aurretik.
Parte hartzea bai, baina nolakoa?
Getxon indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) 2001ekoa da, eta udal osoa urbanizagarritzat jotzen du, legez ukiezina den kostaldeko marra eta Andra Marin bertan dagoen golf zelaia izan ezik. Testuinguru horretan erabateko zentzua zuen 8.000 etxebizitza eraikitzeko asmoak, baina ikusi dugunez tiradera batean uztea beste irtenbiderik ez zuen izan Udalak 2007an. Handik urte batzuetara prozesu parte hartzailea ireki zuen alternatibak lantzeko, 2011tik 2015era iraun zuena.
Prozesu hartan parte hartu zutenetako bat Iñigo Elortegi Getxoko Auzokideok plataformako kidea da. "Udal gobernu taldeak hiru aukera ipini zizkigun mahai gainean: euren ikuspuntutik baikorra zenak 8.000 etxebizitza egitea zekarren; moderatuak 2.500 eta 4.000 bitartean; eta ezkorrak 2.000. Eurak moderatuaren alde azaldu ziren". Hortik behera ezer ez. Baina prozesuan parte hartu zutenen %55ek "zero garapen" izeneko hautuaren alde egin zuten, hasierako aukeren artean ez bazegoen ere: 2013-2017 epean etxe berririk ez eraikitzea Getxon, eta udalean hutsik eta erabiltzeko moduan dauden 3.500 etxebizitzak erabiltzea eskaintza berria egiteko. Elortegiren esanetan, proiektua idazteko ardura zuen lantaldeak ez zuen aukera aintzat hartu eta horrek eragin zuen partaideen erdia baino gehiago prozesutik irtetea.
"Ez dituzte 8.000 etxebizitza eraikiko, baina agian 4.000 bai, horretan dabil EAJ", dio Elortegik. Ez du erraz, eta HAPOa ere ez du berriztu nahi horretarako EH Bildurekin eta Podemosekin negoziatu beharko lukeelako udalean. Seguruenik garai hobeen zain dago, ea gehiengo zabalagoa lortzen duen hurrengo hauteskundeetan". Beste oztopo bat etor dakioke luze gabe argitaratuko diren EAEko Lurralde Antolamendu Gidalerroetatik, itxuraz filosofia aldaketa ekarriko baitute 2007ko testuinguruarekin alderatuta. "Badirudi orain hiriguneen inguruetako eraztun berdeak babesteko joera dagoela", dio Elortegik, "krisi garaian lurzorua gorde beharra dago nonbait, amaitu dira udalak eraikuntzako plusbaliekin sostengatzen ziren garai oparoak".
Etxebizitza premiak ez du justifikatzen milaka etxe berri egin nahi izatea, Elortegiren esanetan. Bat datoz Tosu Betirakoko Gorka eta Nagore. Azken urteetan Getxok biztanleak galdu dituela gogorarazi digute: 83.000 ingurutik 78.000ra.
Beste gizarte eredu baten bila
Tosu Betirako:
"Ez gaude hemen lurra defendatzeko bakarrik, beste gizarte eredu bat sortu nahi dugu, energetikoki, elikadura aldetik, harremanen aldetik... Hau ez da aparkalekuaren kontrako borroka hutsa"
Joko horren erdian, pertsona talde batek bizimodu bat eraiki du, urteen poderioz, Tosuko landan. Edo horretan dabiltza behintzat. 2011tik beti egon da mugimendua bertan. Guztira bost kanpaldi egin dituzte. Lehen hirurak iraupen mugatukoak, hirigintza planen aurka protesta egiteko antolatuak. Azken biak erresistentzia kanpaldiak izan dira, mehatxu zehatzei aurre egiteko abiaraziak eta hasiera batean iraupen mugagabekoak. Horietan azkenekoa 2017ko urtarril amaieran izan zen, itxura osoz obrak hasi behar zituztenean. Momentuz, ordea, topografoak izan dira bertara joan diren langile bakarrak. Lasai egin dute egitekoa, Tosu Betirakoko kideek inolako oztoporik jarri gabe. Makinak doazenerako, berriz, protokolo bat dute prest.
Bien bitartean, hasieran lau horma xume besterik ez zituen etxola negua bertan emateko moduko etxe bihurtu dute, sukalde eta literekin, horma batzuk adobez eta besteak kartoiz eginda, material birziklatua erabiliz. Baratzeek ere bidea egin dute. Bazterketa arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duen elkarte bat hurbildu zitzaien orain pare bat urte eta geroztik haientzat da ortuetako bat. Pertsona bat dago erroldatuta Tosuko landako etxolan, eta atean itsatsita daukate beste baten etxebizitzan bortxaz sartzea galarazten duen legearen pasartea, polizia doanerako. Udaltzaingoaren bisita izan zuten behin, erroldatutako pertsona benetan han bizi zela egiaztatzeko. Baina jendearen joan-etorria da Tosuko giroaren ezaugarri nagusia. Hitzaldiak, ekitaldiak, igande arratsaldeetan hanburgesa salmenta… Mugimendua dago, eta gainera bizilagunekin, oro har, harreman ona izateaz harro daude.
"Orain momentua da patxadaz elkarrekin jesarri eta hemen eraiki nahi dugun bizimoduaz hitz egiteko, gure arteko harremanak hobetzeko, konpromiso mailak orekatzeko, botere harremanik ez egoteko", azaldu digute Nagorek eta Gorkak, "batzuetan asanblada mitifikatzen dugu baina egunero landu behar dira harremanak. Azken kanpaldiaren ostean enpresek ez dute mugimendurik egin eta lasaitasun une hau aprobetxatu nahi dugu barne mailako hausnarketa egiteko".
"Ez gaude hemen lurra defendatzeko bakarrik", dio Gorkak, "beste gizarte eredu bat sortu nahi dugu, energetikoki, elikadura aldetik, harremanen aldetik… Plaka fotovoltaikoak dauzkagu, material guztia berrerabilitakoa da, afarietan alboko ekoizleei erositako janaria ematen dugu, edo gure ortukoa. Ez da aparkalekuaren kontrako borroka hutsa".
Ikus hemen artikulu honen ingelesezko bertsioa | news |
argia-bf03abecd4a0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/medikuntza-ehun.html | Euskaraz ezin bada ikasi, mediku euskaldunak nola? | Onintza Irureta Azkune | 2017-06-11 00:00:00 | Euskaraz ezin bada ikasi, mediku euskaldunak nola?
Medikuntzako graduazio ekitaldian ozen esan zuen ikasleak: Medikuntzako euskarazko adarrean ematen dugu izena, baina ezin dugu euskaraz ikasi, eta guk mediku euskaldunak izan nahi dugu. Leioako campusean lehen hiru urteak egiten dituzte, euskaraz. Bigarren zikloan, ezin ordea. Hizkuntza Planak dio urte honen hondarrean derrigorrezko irakasgai guztiak euskaraz irakatsi behar direla. Onenean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, irakasgaien %71 dira euskaraz, okerrenean, Gasteizen, %0.
Alde handia dago batetik bestera, hau da, ez da gauza bera EHUko Leioako campusean Medikuntzako hiru urteak ikastea ala hurrengo hirurak lau unibertsitate-ospitaleetako batean egitea. Leioan euskaraz ikas dezakete euskarazko adarrean izena eman duten ikasleek. Bigarren zikloan ospitaleetan ikasten dute. Ziurrenik, ikasleak poz-pozik ariko dira orpoz orpo medikuekin. Ordea, salbu eta Donostiakoan, lantokiotan (Txagorritxun, Basurtun eta Gurutzetan), giroa erdalduna da eta ikasleek faktura ordaintzen dute.
Medikuntza euskaraz zergatik ezin den ikasi, ezin da bi esalditan azaldu ordea. Faktoreak asko dira. Hurrengo lerroetan giltza nagusiak emango ditugu.
Euskarazko adarra desagertzeko beldurra
Maria Fuentes Rodriguez 3. maila bukatzen ari da. Medikuntza Asanbladako kide gisa hitz egin digu. Euskarazko matrikulazioa beherantz doala dio. Aurreko Dekanotzak hala adierazi omen zien: beherantz segituz gero bi talde beharrean bakarra izango zen euskarazkoa. Euskarazko lerroa arriskuan ikusten dute: "Presio demografiko handia daukagu, Espainiar Estatuko edonork lor dezake plaza EHUn, jan egiten gaituzte, eta euskarazko plaza kopururik ez dago finkatuta. 300 ikasle hartuko badira, adibidez, zergatik ez gorde euskaraz 150?". Erantzuna berak ere badaki: EHU Espainiar Estatuaren mende dago eta ezin da euskarazko Medikuntza gradua egin. Fuentesek aitortu du selektibitatea euskaraz egiten duen ikasle dezentek gaztelaniaz ikastea erabakitzen duela. Ikasleak badaki Medikuntzako bigarren zikloa gaztelaniaz egin beharko duela neurri handi batean, BAME azterketa (Barneko Mediku Egoiliar) ere gaztelaniaz, eta lantokian ere, Osakidetzan, berdin. "Dekanotzari badagokio matrikulazioa euskaraz sustatzea, baina ez dago horretarako estrategiarik".
Itziar San Martin Euskarako eta Eleaniztasuneko dekanorde berria da. Jon Zaratek bi urte daramatza Euskararen arloko errektoreordetzan. Haien ustez euskarazko matrikulazioa ez doa beherantz. Haiek emandako datuen arabera, azken bost urteotan batez bestekoa 111 ikasle izan da (guztira 280 inguru), gehienean 119 eta gutxienean 100. San Martinen ustez, ikasleek 100eko kopurua dute buruan eta susmoa izan dute talde bat galduko dutela: "Esan genien ez dugula talde bat ezabatuko. Diskriminazio positiboa egiten da, 95 ikasle balira ere ahalegin guztiak egingo genituzke bi talde ateratzeko". San Martini euskaldunak gaztelaniazko lerroan matrikulatzeaz galdetu diogu. Bere iritziz, uste okerrak dituzte. Euskaraz ikastea ez da desabantaila, nahiz eta gero gaztelaniaz ikasten jarraitu: "Gaztelania eta ingelesa gero ere erabiliko dituzte eta terminologia ikasiko dute. Euskara gero ez dute ikasiko. Euskarazko matrikulazioa sustatzeko asmoa daukagu". Oraindik ez ditu erantzunak aztertu, baina Medikuntzako ikasle guztiei, gai horren inguruko inkesta egin die.
Donostiako ospitalean Medikuntzako ikasleak praktikak egiten. Argazkia: Dani Blanco.
Osakidetza dute aurrez aurre
EHUk hitzarmena du Osakidetzarekin irakasleak kontratatzeko. Bi egitura oso desberdin dira eta harremanak zaildu egiten dira. Desberdintasunak desberdintasun, batzuetan borondate falta antzematen da, aukerak egonda ere, ospitaletako hainbat zerbitzuburuk mediku euskaldunak irakasle izateko hautatu ordez atzean uzten baitituzte. Maria Fuentes ikasleak ez daki nola funtzionatzen duen EHUren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenak, baina adibide bat eman digu: "Lagun bat Gurutzetako ospitalean ari zen praktikak egiten, Neumologia zerbitzuan. Bi mediku euskaldun ezagutu zituen, biak prest zeuden irakasgaia euskaraz emateko, baina ez zieten halako plazarik zegoenik ere esan. Nire lagunak neumologiako irakaslea erdalduna zeukan. Zergatik ez zieten deitu mediku euskaldunei?". Ikasleek irakasle euskaldunak eskatu dituztenean sarri ondoko erantzunak entzun dituzte: ez dago nahikoa mediku euskaldun eskolak emateko moduan, plaza elebiduna atera dugu baina ez da euskaldunik aurkeztu...
Itziar San Martin eta Jon Zarateren ustez, EHUk badauka zer egin Medikuntza euskaraz irakats dadin, baina gauza asko ez daude EHUren esku, Osakidetzaren ardurapean baizik. Irakasleak kontratatzea gakoa dela diote, eta ezinean dabiltza. Bi hitzetan kontatuta prozesua ondokoa da: EHUk onartu du plaza bat ateratzea halako irakasgai emateko Medikuntzan. Euskaraz C1 maila (EGA maila) duen irakaslea kontratatuko da, bai ala bai. Osakidetzari profil horretako medikua eskatzen zaio, eta hark esango du badaukan ala ez. Zer gertatzen da? Behin baino gehiagotan dagokion Zerbitzuak erantzuten duela ez duela mediku euskaldunik postu horretarako. Mediku euskaldunik "ez dagoenez" eta plaza elebiduna denez derrigor, ikasturte batez aldi baterako irakaslea arituko da. Irakasle hori erdalduna izan daiteke.
Zarateren ustez, Medikuntza gradua berezia da, beste erakunde bateko langileekin egiten dute lan, irakasle asoziatuak dira, eta gainera medikuak. Euskarazko adarra osatze bidean, hainbat muga aipatu ditu: EHUk aurrekontu mugatua du eta sailek ezin izaten dituzte nahi adina irakasle plaza atera; irakasleak kontratatzerakoan baldintza geografikoa bete behar da, alegia, Txagorritxuko unibertsitate-ospitalean dauden ikasleei bertako medikuek eman behar dizkiete eskolak, ez adibidez Donostiakoek, aldi berean baitira irakasle eta mediku; irakasle espezializatuak izan behar dute, irakasgai bakoitzeko irakasle bat behar da, kardiologiako halako gai zehatz ematekoa, neumologian beste halako irakatsiko duena... Hala dio Zaratek: "Mugak dira, baina ez dira gaindiezinak".
Kontratazioa giltza denez, Osakidetzarekin plazak eskaintzeko bideak hobetu nahi izan dituzte: "Prozesua gardenago egitea nahi dugu. Ikasleek kritikatzen dute, eta guk ere ikusi dugu, plazak atera eta Osakidetzako zerbitzuek haien intereseko medikuak eskaintzen dituztela". Osakidetzak lan moldea aldatzea proposatu zien: EHUren plazak Osakidetzako Euskara zerbitzura bideratuko dira eta ospitaleetako zuzendari medikuen bidez deialdi zabalak egingo dira. Mediku batzuk plazak atera zirela ohartu ere ez ziren egiten batzuetan, –dio Zaratek–. Euskarako errektoreordea pozik ari da lanean Osakidetzarekin, batik bat giza baliabideetarako zuzendaritzarekin eta Euskara zerbitzuarekin.
Argazkia: Dani Blanco.
Hizkuntza Plan estralurtarra
Fuentes ikaslea halako tonuan entzun dugu elkarrizketa egin diogun bitartean: plaza elebiduna ateratzen da, baina ez dakigu zergatik gero urtebetez elebakar den; irudipena daukagu Osakidetzan azpijokoan ibiltzen direla eta nahi duten medikuak aurkezten dituztela irakasle plazetarako, baina ez dugu frogarik... Eta kazetariaren galdera: Dena hain da zalantzagarria, lausoa? Hizkuntza Plana izango duzue bada? Horrek zer dio? Harritu egin da Hizkuntza Planaz galdetu diogulako: "Hizkuntza Plana? Pasibitatea da hemen nagusi. Euskararen inguruko ekintzak lipdubak, narrazio lehiaketak, eta horrelakoak izaten dira. Guk karrera euskaraz nahi dugu!".
EHUko Euskararen II. Plan Gidaria 2013-2017 -ren arabera, Medikuntzan derrigorrezko irakasgai guztiak euskaraz ematea lortu behar da urte hau bukatzerako. 23. orrialdeko datuak ikusita, miraria litzateke plana betetzea. Zaratek aitor du plana ez datorrela bat errealitatearekin. Aurten bukatuko da bost urteko plana eta beste bat egin beharko da, zein helburu izango dituen, ez digu aurreratu Zaratek: "Ikusiko dugu nola egin. Oraingo plana oso orokorra da eta agian beste modu batez landu behar dugu".
Mediku ona / mediku euskalduna gainditzeko beharra
Ekainaren 27an eta 28an Osasuna eta Hizkuntza jardunaldiak izango dira Bilbon, EHUren Udako Ikastaroek antolatuta. Mediku on / mediku euskaldun eztabaida tabernatik atera eta akademiara eramatea aldarrikatu dute Zaratek eta San Martinek. Erdigunean pazientea jarri behar da, eta osasun arretaren kalitatea hizkuntzarekin lotu behar da: "Horren ebidentziak lortu behar ditugu ikerketa bidez eta eztabaida gizartera zabaldu". Ikerketa lerro horri ikasleek ere heltzea nahiko lukete, Bidane Petralandak (ARGIAn, 2017ko ekainaren 4an elkarrizketatua) egin duen moduan. Petralandak Osakidetza barruko euskarazko zirkuituak aztertu ditu. Berea da Medikuntzan osasuna eta euskara lotu dituen gradu amaierako lehenengo lana.
Medikuntzako ikasleen aldarrikapen bakarra ez baita haien eskubidea kontuan hartzea, hau da, ikasketak euskaraz egitea. Ikasleok mediku euskaldun izan nahi dute. Kalitatezko arreta eskaini nahi dute, beraz, euskaraz eman nahi dute zerbitzua.
Izaskun Elezgarai,
Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzailea
"Medikuntza gradua Euskal Herriak bizi duen egoeraren adierazle egokia da"
Medikuntza euskalduntzeko dauden oztopoez galdetuta, fokua urruntzeko ariketa egin duzu.
Estrategia eta erabaki politiko falta dago atzean. Herri ikuspegitik aztertu behar dela iruditzen zait. Arazoa ez da EHU, arazoa da EHU Espainiako araudien menpe dagoela, horrek esan nahi duenarekin. Horrez gainera, EHU aldian aldiko errektoretzen erabakien menpe dago eta horiek irizpide politiko-kultural euskaltzaleagoak edo kontrakoagoak izan ditzakete. Medikuntza gradua Euskal Herriak bizi duen egoeraren adierazle egokia da.
Osakidetzak zeresan handia du.
Bigarren zikloa Osakidetzako ospitaleetan egiten dute ikasleek. Ospitaletik ospitalera egoera desberdina bada ere, gehienetan oso giro erdalduna dago. BAME (Barneko Mediku Egoiliar) azterketa gaztelaniaz egiten dute. Lanbidea bera ere gaztelaniaz garatuko dute. Arazoa egiturazkoa da eta EHUtik askoz harago begiratu behar da.
Oso bitxia egin zaigu jakitea plaza elebidunak hutsik geratu daitezkeela, mediku euskaldunak irakasle lanetan aritzeko prest egonda ere. Ulertzen zaila da.
Hori Osakidetzako arduradunen eskuetan dago eta orain arte Osakidetzan botereguneak erdaldunak izan dira, eta ikusten dugunez, medikuntza arlo oso hierarkikoa da.
Hemengo ikasleek espainiarrekin lehiakortasun handia dutela-eta, euskarazko adarra ahulduko den beldur dira.
Lehen esan dut herri ikuspegia behar dugula. Orain, gutxi gorabehera, 200 gaztelaniazko adarrean eta 100 euskarazko adarrean gabiltza. Lehenik eta behin, pentsatu beharko litzatekeena da zenbat profesional euskaldun behar diren, eta horren arabera kalkulatu beharko da fakultatean zenbat ikasle euskaldun sartu behar diren.Nire ustez, denek izan beharko lukete euskaldunak, gure helburuak Euskal Herriko mediku guztiak euskaldunak izatea izan beharko lukeen moduan.
Baina horretarako eskuduntzarik ez du EHUk.
Argi ikusten dut hemen erabaki politikoak eta estrategia bat behar direla, hasieran esan dudan moduan, eta beste aldea aurrean izango dugula. Euskaldunak gara eta geureagatik begiratu behar dugu, bestela nork begiratuko du gugatik? Nork bermatuko du euskalduntze prozesua EHUn? Nork arautuko du EHUn? Gatazka sortuko du, jakina, baina aurre egin behar diogu. | news |
argia-cf95fb38beea | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/denboran-atzera-eta-aurrera.html | Denboran atzera eta aurrera | Iker Barandiaran | 2017-06-11 00:00:00 | Denboran atzera eta aurrera
Bidaia guztiak ez dira berdinak eta badira batzuk zugan arrasto berezia uzten dutenak. Halakoa da Oñatiko Zingira talde misteriotsuak eskainitakoa: misteriotsua diot, eramaten gaituelako rockak iraganean lantzen zituen kantuetara, birtuosismoan, apaingarrietan eta giroen sortzean gailurra egin zuen garaietara. Badirudi denboran atzera egin dugula nabarmen, halako paisaiak ekarriz, baina ez da horrela; eta badauka gaur egungotik ere. Izan ere, ez da ohikoa bidaia batez gogoeta egitean iragana eta garaikidea nahastea, ezta denboraren igaroaren eta iraupenaren kontzeptua albo batera uztea; ezta ekipajean mellotron, hammond zein kanpaiak garraiatzea ere. Hori guztia dauka pertsona bakarrak sortu, garatu eta gauzatutako proiektu honek.
Natura da autoekoitzitako disko zaindu honetan uneoro presente dagoen ispilua, bizitzako pasarte honetako bidaide duguna. Diskoa zabaltzeko ardura duen Hostoak-ek aurreiritzi guztiak alde batera utzita azal berri batekin Camel taldea, pop-a, sintetizadore espazialak eta 70eko hamarkada bukaerako The Trooper -en antzeko erritmora pausoak ematera gonbidatuko zaitu. Amildegi -n, zeinak baduen damutik eta ertzetik igarotzetik, teklatuen laguntzaz eramango zaitu progresibo gogor eta garaikidearen pasabide barrura. Bidaiari -k tuneleko beste muturrean itxaron eta melodia nabarmeneko folk jantziarekin egingo digu harrera, nahiz eta bidean isolatu ahala laino ilunek inguratuko gaituzten. Ipar haizea gelditzeko etorri da eta horretaz jabetuta sintetizadoreek zein urruneko flamenkoak ongietorria egiten diote. Geldiune instrumental bat egingo dugu Oñatiko Araotz auzoko gune parekaezinean, Sandaili -k berez duen magiaz bustitzeko; horretarako nahikoa da sintetizadorearen suaren inguruan Jethro Tull, euskal folka, jazza eta flamenkoa akelarrean batzea. Eta naturaren zikloari amaiera emateko Bazen behin ilargia , sinfoniko, pop eta latinotik edan eta mozkortzeko.
Sei kantu distiratsu eta maiestatetsu hauen atzean pertsona bakarra aurkituko dugu; Euskal Herrian stoner-rocka lantzen aitzindari eta luzaroan maisu izandako Sharon Stoner taldeko abeslari eta baxu-jotzaile izandako Iñigo Ibarrondo oñatiarra. Sharonen geldiune luze bati probetxua hartuz, Ibarrondo bere kabuz, mimo handiz, sormen ireki eta aseezinez, pieza hauen egitura landuak josten aritu da. Berak grabatu ditu instrumentu ia guztiak, nahastu eta diskoa ekoiztu, nahiz eta azken pausoan, Sharon Stoner taldeko kide dituen Egoitz Olalde bateria-jotzaileak eta Mikel Zarketa gitarra-jotzaileak grabazioan lagundu duten. | news |
argia-d31316e018d9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/luis-plaza-velez-kolonbiako-sindikalista.html | "Multinazionalek ahal duten guztia egingo dute bake akordioa bete ez dadin" | Xuban Zubiria | 2017-06-11 00:00:00 | "Multinazionalek ahal duten guztia egingo dute bake akordioa bete ez dadin"
SAT sindikatuak gonbidatuta bi hilabete igaro ditu Luis Plaza Velez sindikalista eta irakasle kolonbiarrak Espainiako Estatuko sindikalismoa aztertzen. Euskal Herrira egindako bisita baliatu dugu Kolonbiaren gaurkotasunaz galdetzeko.
Gazte murgildu zinen mundu justuago baten aldeko borrokan.
Nire militantzia nerabezaroan hasi zen jaioterrian, Kartagenan. Animalien eskubideen alde atera nintzen lehen aldiz kalera. Geroago ikasle mugimenduan murgildu nintzen. Orduko ekintzek eta borrokek egin ninduten giza eskubideen aldeko militante. Kolonbian errealitateak bultzatzen zaitu militantziara. Asko dugu oraindik borrokatzeko eta irabazteko.
Kolonbian justizia sozialaren alde egitea arriskutsua da.
Kolonbiako historiari erreparatuz gero ikusiko dugu kolonialismoaren garaietan hasitako indigenen aurkako jazarpenak egun bere horretan dirauela. Ordutik eskubide urraketak aldatu badira ere, hauek ez dute etenik izan. Bizi eredu kapitalista basatiak jazarpena eta miseria gizarteko ia sektore guztietara zabaldu ditu azken hamarkadetan. Lehen eta orain gatazka guztien oinarrian lurraren jabetza dago. Kolonbian lurraren banaketa duina eskatzen duena beti egongo da arriskuan.
Sindikalismoak ere muturreko egoeretan dihardu.
Kolonbian hiru sindikatu nagusi daude: CTC, CGT eta CUT. Nik urte asko daramatzat CUT sindikatuan. Gure sindikatua da gobernuaren politika neoliberalari hortzak erakusten dizkiona. CUT izan da langileen eskubideen aldeko borroka kalera atera duena baita hildakoak jarri dituena ere. Sindikalistok, nekazariekin batera, talde parapolizialen jomuga nagusi bihurtu gara.
Legeak gure jardun sindikala erdi klandestinitatean egitera behartzen gaitu. Jabeek enpresetan sindikatuen presentzia sumatuz gero, langile guztiak kalera botatzeko eskubidea dute. Kolonbian errazagoa da talde kriminal armatu bat eratzea sindikatu bat sortzea baino. Langileen eskubideen alde jardun duten 3.000 burkide inguru hil dituzte azken 60 urteotan.
Biolentzia politikoaz ari gara, honek Union Patriótica ekartzen dit gogora.
80ko hamarkadan FARC eta Kolonbiako Gobernuak egin zituzten negoziazioen testuinguruan sortu genuen milaka herritarrek Union Patriótica alderdia. Negoziaketa eta bakea bultzatzeaz gain, ezkerreko alternatiba eraldatzaile bat sortzea zen gure asmoa. Bake negoziaketek porrot egin zutenean gobernuak gerrillaren jardun militarra aitzakia hartuta, Union Patrióticaren aurkako jazarpenari hasiera eman zion. Milaka izan ziren mertzenario taldeen eskuetan bizitza galdu zutenak. Genozidio politikoa izan zen hura.
Zu ere hiltzen saiatu dira.
2014ko maiatzaren 16an magisteritzako bilera batetik atera ostean saiatu ziren ni hiltzen. Sikarioak baino azkarragoa izan zen nire eskolta eta horregatik nago bizirik. Mehatxuen ondorioz bost alditan ihes egin behar izan dut Kolonbiatik. Oraindik ezin naiz familiarekin Kartagenan bizi. Segurtasunagatik Bogotan bizi naiz.
Fusilak atzetik edukitzeko arrazoi bakarra izan da urte askotan langileen eskubideen alde egin dudan jardun politiko eta sindikala. Estatuak laguntza eskaintzen dio mehatxatua dagoen orori baina inondik ere ez da nahikoa. Ultraeskuineko talde kriminalek urte luzez izan duten inpunitatea amaitu behar da. Izaera politikoa duten hilketen %95 epaitu gabe jarraitzen du.
FARC-en eta Kolonbiako Gobernuaren arteko akordioak biolentzia sistematikoari amaiera eman beharko lioke…
Kolonbiako gizarteak ez du hildako gehiago nahi. Zoritxarrez, boterearen zati batentzat gerra negozio bihurtu da. La Habanan lortutako akordioa oso pauso garrantzitsua da, baina asko falta zaigu oraindik. Lurraren banaketa eta herrialdea bakera emango duen bide orriaren inguruan adostasunetara heldu dira bi aldeak. Orain adostasun horiek errealitate bihurtzeko egin behar dugu lan.
Argi esan behar da ordea gobernua ez dela sinatutakoa betetzen ari. Gerrillarientzat eraiki behar zituzten 27 gune desmilitarizatuen arrastorik ez dugu oraindik. Gerrillariak beraiek ari dira guneak eraikitzen. Bizi baldintzak muturrekoak dira han. Janaria eta sendagaiak boluntarioen karabanek ekartzen dituzte, ur edangarririk ez da, gerrillari asko gaixotzen ari da...
FARC eta gobernua berriz elkartu dira akordioa indartzeko asmoz.
Kolonbiako gerra egoeraren azpian lurraren jabetza dago nagusiki. Akordioetan lurren eraldaketa ere jorratzen da. Kolonbiako lurren ia jabetza osoa duten multinazional eta korporazio handiek ahal dutena egingo dute gobernuak sinatutakoa beste ez dezan. Paramilitarismoaren mamua elikatzen jarraitzen dute eta horrek asko zailtzen du bakea.
Nekazarien aurkako jazarpena sistematikoa da. Gerrillarekin hitz egiteaz gain, berehalako neurriak hartu behar ditu gobernuak. Kolonbia guztiak sufritzen du talde kriminalen jarduna. Haien aurka egin ezean, ezingo da bake prozesua indartu.
Nola ikusten duzu etorkizuna, ezagutuko dugu bakea inoiz?
Leihoa erdi irekia ikustearekin konformatuko nintzateke. Esperantza ez dut galdu, baina ez naiz baikorra prozesuaren aurrean. Biolentzia guztien amaiera oraindik oso urruti ikusten dut.
Bitartean Kolonbiako ezkerreko mugimenduetan ez da lortu beharrezkoa dugun batasuna. Ezkerreko mugimendu eta alderdietan protagonismo nahi handiegia dago. Denek prozesuaren sustatzaile eta bozgorailu izan nahi dute eta hori ezinezkoa da. Bakearen alde gauden guztiok praktikan ere adostasunetara heldu behar dugu. Hori lortu ezean betiko neoliberalismoaren tesiak gailenduko dira eta hori hondamendia litzateke Kolonbiarentzat. | news |
argia-3d304cee8965 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/detroit-edo-krisiarekin-hirietan-nola-bizi-dutxa-eta-iturriko-urik-gabe.html | Detroit edo krisiarekin hirietan nola bizi dutxa eta iturriko urik gabe | Pello Zubiria Kamino | 2017-06-11 00:00:00 | Detroit edo krisiarekin hirietan nola bizi dutxa eta iturriko urik gabe
Komunaren tankea hutsik dago. Hortzak garbitzeko ura botilan. Goizean jaikitakoan ura sukaldean kazola batean berotuta gorputza atalka garbitu. Kontuz zenbat gastatzen duzun otorduetako ontziak garbitzen. Nola egiten da gobada ura moztu dizutenean? Ahaztu balkoiko loreak. Nor akordatzen da soropilaz. Milaka familiak egin dute denboran atzera mundu aberatseko hirietako auzune pobretuetan.
Egunero Catherine Caldwellek botilaratutako hiru galoi (11,3 litro) ur igotzen ditu bainugelaraino, bi galoi (7,5 litro) gehiago sukalderaino. 19 litro horiekin moldatu beharko du lauko familiak eskuak garbitu, komunean egindakoak pasarazi, kuzinatu eta platerak garbitzeko, sutan epeldurik noski. Dutxatzera amaginarrebaren pisura joan behar, bloke batzuk harantzago.
44 urte dauzkan Calwell, bere senarra eta bi biloba txikik lau hilabete daramate iturriko urik gabe Detroiten. Hamabostean behin botilatan ekartzen diete We The People of Detroit (Gu Detroiteko Jendea) elkarteak. Bigarren aldia da horrela daudela azken hiru urteotan. Faktura ordaintzeko iritsi ez zaienez, konpainiak eten egin die.
Zenobia Jeffries kazetariak kontatu du Yes aldizkarian horrelakoak gauza korrientea direla Detroiten, zeinaren herritarren artean txirotasun proportzioa %40ra iristen baita. Hemen iturriko uraren prezioa bikoiztu egin da azken hamar urteetan. Milaka familiak zor diote faktura udalari eta honek publikoki aitortua duenez 50.000 mozketa egin ditu zordunei hornidura eteteko kanpaina 2014an hasi zuenetik.
Urte hartan kiebra jo zuen Detroiteko udalak eta atzeratutako zorrak kobratu nahi zoroan fakturak xuxen pagatuak zituzten 900 familiari ere itxi zieten iturria hasieran. Gaur egun 10.000 edo 20.000 familia daude oinarrizko zerbitzu hori gabe eta 45.000 gehiagok oraindik ura badaukate txiroentzako laguntza bereziei esker, edozein unetan lehorrean geratzeko arriskuan.
Iturririk erabili ezina ez da Detroiteko familien lehenbiziko kalamitatea, ez bakarra. 1950ean 1,8 milioi biztanle edukitzera iritsi zen hiri hau krisi gorrian murgildu zen petrolioaren 1973ko shockaren ostean, hemen ekoizten ziren auto handi gasolina zurrupatzaileak merkatuan gainbehera joandakoan. Geroztik ez du bururik jaso Detroitek eta gaur 700.000 biztanle dauzka, txirotasun markak hautsiz.
Antzeko istorioak entzun daitezke AEBetako hainbat hiritan. 2010etik eta 2015era artean %41 igo zituzten tarifak. EPA Ingurumena Zaintzeko Agentzia publikoak kalkulatu du batez beste familia iparramerikar batek 1.500 litro ur kontsumitzen duela egunean, eta ur kontsumoa pagatzen ematen duela diru-sarreren ia %5.
Elizabeth A. Mack eta Sarah Wrasek aztertu dute arazoa AEBetako geografia osoa hartzen duen ikerlanean: "Uraren tarifak garestitzen jarraitzen badu ondoko bost urteetan, aurreikusi den moduan, gaur AEBetan pagatzera iristen ez diren familien %11,9 hori igo daiteke %35,6raino. Arazo larria da, kaskadan ekarriko dituen eragin ekonomikoengatik; ur zerbitzuen hornitzaileek bezero gutxiago edukitzean are gehiago garestitu beharko dute prezioa, ordaintzen ez dutenek eragindako kosteak berdintzeko".
Arazoa konpontzea erraza ez da izango. Klimaren aldaketak handitzen du ur kontsumoa eta aldi berean murrizten inguruko mendien eta lurpeko geruza freatikoen emaria. Hiriak auzune urrunetara hazi izanak, Iparramerikak mundu osoan modan jarri duen etxe txikien eredu suburbanizatua gero eta gastu handiagoen iturri da. Aldi berean, Detroi bezalako hirietan populazioa eta jarduera ekonomikoa gutxitzeak handitzen du biztanle bakoitzari dagokion faktura puska. Hazkundearen beroan eraikitako azpiegituren matxurak ezin konpondu, beharrezko berriak ezin eraiki...
Amets amerikarretik iratzarri ezinik
We The People of Detroit erakunde presbiterianoak ur-larrialdietarako telefonoa eskaintzen die herritarrei. Beste 50 karitate eta solidaritate elkarterekin batera 2008tik daukate antolatuta People's Water Board Coalition . Boluntarioek laguntzen diete ingurueneko ur banaketa gunea lokalizatzen edo udalarekin atzeratutako zorrak negoziatzen. 120.000 familia inguru (300.000 herritar, gezurra diruen arren) omen daude hirian goizago edo beranduago iturriko urik gabe geratzeko arriskuan.
Herritar behartsuenei laguntzeko aurkitzen duten arazo handietakoa da informaziorik eza, txirotasunak eragiten dituen egoerak estatistiketatik urrun geratzen baitira gehienetan. Hasteko, ur mozketen mapa bat osatu dute, krisiarekin gainbehera etorritako hiri baten erradiografia harrigarria marraztuz: urik gabe bizi diren familiak %5 azpitik badira erdiguneko auzo askotan, periferian urruntzen joan ahala handituz doaz portzentaiak… iritsi arte familien erdiak baino gehiago iturriko urik ez duten auzuneetaraino.
Ikasle eta akademikoei enkargaturik emergentziaren tamaina aztertzea, kuantitatiboki hondamendien osteko medikuntza eta osasun zerbitzuen beharra neurtzen duen CASPER metodologia erabili dute, ur mozketek azkenean ospitaleetan ere dauzkaten ondorioak ezagutzeko. Kualitatiboki, 40 boluntario entrenatu dituzte arazotan dabiltzanak metodoz elkarrizketatzeko, larrialdiaren ondorio psikologiko eta sozialak neurtzeko.
"Eredu horien bidez ezagutu nahi ditugu hiriak finantz-hondamendi honen erdian dauzkan osasun beharrak eta detroitar ahulenei eragin dizkien kalteen argazkia ezagutu. Guztiok merezi dugu komunitate osasuntsu eta kohesionatuetan bizitzea. Tamalez, Detroiteko dozenaka mila pertsonaren eguneroko ogia da borrokatu egin beharra daukatela giza eskubideak eskuratzeko, tartean ur on, garbi eta merkea eskuratzeko eskubidea".
Michiganeko hirian industria eraitsi ondoren indar, diru eta biztanlez hustutako hiri eta auzoen adibide muturrekoa den arren, XXI. mendean gizarte hiritartu gero eta gehiagok nozitzen dituzten arazoen argigarri ere bada. Hazkunde hamarkada beroetan eraikitako auzo, azpiegitura eta zerbitzu asko gaur garestiegi bezain jasan ezin bilakatzen ari dira.
Auto pribatuen beharra, askotan soropil pribatua zaintzea, gas, argindar eta hur horniduren mantentze zaila… Krisia sakondu ahala garai batean modan egondako periferietako bizimodua konplikatu egin da eta gero eta gehiago dira administrazioak bere kontura bizirautera kondenatzen dituen familiak.
Zenobya Jeffriesek dio bere erreportajean aipatu Caldwell andreak burdindegian erreminta egokia erosirik bere eskuz ireki duela etxera ura ekartzeko giltza, legez udal langileek beste inork ukitu ezin duena. Tranpatan hartzen dio ura herriari, beste askoren gisan. Bost urteko espetxez zigortzen da "felony" (delitu larri) hori AEBetan. "Ez dizut gezurrik esango, neuk ireki dut pasoa. Ondo dakit kartzela arriskatzen dudala, baina bilobak dauzkat etxean". | news |
argia-549231c52ba6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/multinazionalen-boterea-gelditu.html | Multinazionalen boterea gelditu | Juan Mari Arregi | 2017-06-11 00:00:00 | Multinazionalen boterea gelditu
Badaude nazioarteko akordio eta hitzarmen batzuk gure eguneroko bizitzari, tokiko ekonomiari eta lan eskubideei eragiten ez dietela diruditenak, auskalo non sinaturik daudelako.
Herritarrek paso egiten dute, ez baitira jabetzen hitzarmen horien eduki eta ondorioez. Horixe gertatzen da CETArekin, Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza libreko tratatua; honen bidez gure egunerokoan eragina izango duten hainbat lege onartuko dira. Euskal Herrian haren defendatzaile diren alderdiek –EAJ, PSE, PP eta UPN– behin eta berriz errepikatzen digute herritarrentzat onuragarria izango dela ekonomia sustatu eta enpresa txiki eta ertainak lagunduko omen dituelako. Benetako helburua, ordea, multinazional eta korporazio handien mesederako araudia sortzea da.
Akordio horiek kapitalismoan sakontzen dute, eta mugak jartzen dizkiete herrien subiranotasunari, enpresek estatuek baino botere eta eskubide gehiago izango baitute. Gure elikadura kalitatea eskastuko da; merkataritza txikia eta tokiko baserritarren jarduna birrindu; ingurumenean eta osasunean kalteak sortzen dituzten enpresei ateak irekiko dizkiete, Kanadan meatzaritza sektorean gertatu den bezala; nolabait, Trumpekin akordioa egitea ere bada, azken batean merkatu horiek erabat lotuta baitaude; eta eskubide laboral eta sozialak murriztuko dira enpresen etekinak handitzeko.
Egoera horretan, hitzarmena berrestear dela, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hainbat mobilizazio deitu ditu aste honetan haren kontra. Egiaz, halako akordio kaltegarriaren aurrean, euskal mugimendu sozialek eta komunikabide aurrerakoiek indar handiagoz egin beharko lukete lan, herritarrek ez baitute sarbide zehatz eta nahikorik izan CETA izenez ezagutzen dugun horrek izango dituen ondorioez. | news |
argia-d394ce3f5237 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/publikoak-ez-du-beti-arrazoi.html | Publikoak ez du beti arrazoi | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-06-11 00:00:00 | Publikoak ez du beti arrazoi
1913ko maiatzaren 29an Igor Stravinskiren (1882-1971) Udaberriaren sagaratzea balleta estrainatu zen Parisen, Vaslav Nijinskiren koreografiarekin. Obrak dontzeila baten bahiketa eta sakrifizioa kontatzen du; dontzeilak hil arte egin behar du dantzan.
Publikoa lehen ekitaldian, oberturan bertan, hasi omen zen txistuka eta agertokira objektuak jaurtitzen, besteak beste laranjak. Estreinaldia bertan behera geratu zen. Zenbait iturriren arabera, liskarrak 40 atxilotu eragin zituen, baita duelu bat ere.
Egun, Udaberriaren sagaratzea musika garaikideko obra gailentzat eta XX. mendeko musika abangoardiaren oinarritzat jotzen da. | news |
argia-04ca139a0445 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/adiskidetasunaz.html | Adiskidetasunaz | Xabier Etxaniz Erle | 2017-06-11 00:00:00 | Adiskidetasunaz
Euskal irakurlearentzat ezaguna da egile hau. Aurretik, Pamiela etxean plazaratuak, baditu dozena erdi bat lan (Urdin txiki eta Hori txiki, Frederick, Igeritz, Matiasen ametsa, Nadarin, Munduko etxerik handiena) eta hauetara hurbildu denak jakingo du tematika aldetik ezberdinak izanik, guztietan nabarmentzen dela egilearen estilo propioa. Artearen mundutik etorritako baten estiloa, esango genuke; ez baitugu ahaztu behar Leo Lionnik irudigintza eta eskultura ere landu zituela, margolanetan aritzeaz gain.
Oraingoan, gainera, liburuak mezu argia transmititzen du. Saguen arteko kontuaz ari zaigu Lionni. Hasieran Alex sagua iheslari ageri zaigu: "Lagundu! Lagundu! Sagu bat! / Gero burrunba bat. Katilu, platertxo eta goilarak alde guztietatik hegan. Alex arineketan itzuri zen sagu-zulorantz, bere hankatxoek uzten zioten bezain azkar". Izan ere, Alex gaixoak ez du atsedenik, berak janari pixka bat nahi (papur gutxi batzuk) eta horren ordez oihuak eta erratzaren mehatxuak jasotzen ditu etengabe.
Alexek, baina, egun batean kirrinka bat entzun eta beste sagu batekin egingo du topo etxean. Sagu mekaniko bat, bi gurpiltxo gainean eta bizkarrean duen giltzari esker ibiltzen den sagutxoa.
Alexek Gille sagu mekanikoa bezalakoa izan nahi du, Aneren jostailurik gogokoena, etxekoen artean goxo egoten dena, "gauez burko zuri bigun batean lo egiten duena panpinaren eta peluxezko hartz iletsuaren artean". Eta horrela, eginahalak egingo ditu sagu mekaniko bilakatzeko. Eta hori gertatu behar den unean, sagu bat beste baten gisa truka daitekeen unean Alexek deskubrituko du sagu mekanikoa zaborretara bota dutela, jostailu zaharrak bota eta berriek hartu dutelako haien lekua. Orduan, Alexen barnean dagoen bihotz zabal horrek irtenbidea bilatuko du biontzat, sagu mekanikoarentzat eta berarentzat.
Ilustrazioetan ohiturik ez gauzkan kolore bizitasunak are ederragoa egiten du lan hau. Katiluak, panpinak, etxeko hormetako paperak, oheko arropa edo musker magikoa kolore biziz margoturik daude, bizi eta ugariz, konbinazio alaiak eta bitxiak sortaraziz. Horien alboan, ordea, Alexen (eta Gille sagu mekanikoaren) grisa dugu, baina Leo Lionnik aurreko lan batzuetan ere ederki lortu duen bezala, saguaren sentimenduak, sentsazioak ederki islatzen dira.
Liburu benetan ederra da Alex eta sagu mekanikoa hau, adiskidetasunaren inguruan eginiko liburu estetikoenetako bat. Itzulpenak ondo korritzen du eta istorioa oso ondo jarrai dezakete haur txikiek ere. Isiltasuna eskatu, borobilean jarri, edo zure ondoan eserita, eta hasi zaitez… "Oihu bat entzun zen. / Lagundu! Lagundu! Sagu bat!". | news |
argia-c414c3b1b0d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/emakumeen-talde-autofinantzatua.html | Babes ekonomikoa eta askoz gehiago | Lander Arretxea | 2017-06-11 00:00:00 | Babes ekonomikoa eta askoz gehiago
Ez dira pauso asko behar komunitate autofinantzatu bat sortzeko: taldea elkartu, aurrezkiak kutxa komun batean bildu, eta elkarri maileguak emateko baldintzak adostu. Hala lortu du Penedeseko (Herrialde Katalanak) emakume talde batek sostengu ekonomikoa eta babesa ematen dien proiektua sortzea. Hori guztia, ohiko bankuen moldeak iraulita eta konfiantzan oinarrituta.
Zerbait erosi edo ordaintzeko premia izan eta norberak dituen sosekin nahikoa ez denean, aukera bat baino gehiago dago. Hori bai, desatseginak dira gehienak. Bankuan mailegua eskatzea izan daiteke aukera bat, baina ez dira gutxi horrek beldurtzen dituenak. Beste bat, lagunari edo senideari eskatzea. Hirugarren bide bat ere bada ordea: antolatzearena. Horrela sortzen dira elkarri maileguak emateko formulak aurkitu dituzten komunitate autofinantzatuak. Penedeseko (Herrialde Katalanak) emakume talde batek sei urte egin ditu bide hori landu eta ikasten. Bilgune Feministak antolatutako Ekonomia Feministako Foroan haien proiektua azaldu zuten zenbait kidek.
Emakumeen babes sarea
2011n jarri ziren martxan, oraindik lau bakarrik zirela. "Gu feminismotik gatoz, eta ikusi genuen ekonomia zela gutxien menperatzen genuen gaia, ez genuela jakintzarik ez ohiturarik halakoetan aritzeko. Horregatik izan da erronka berezia urrunekoa zitzaigun gai batera hurbiltzea". Bide horretan, komunitate autofinantzatuen elkartea den ACAF-en (Asociación de Comunidades Autofinanciadas) laguntza izan dute.
Taldearen lehenengo mailegua 30 eurokoa izan zen, baina dagoeneko, 3.000 euro inguruko kapitala pilatu dute. Kide kopurua ere hazi da, lau hasi baziren, hamahiru dira orain
Entzuna zuten zerbait halako taldeez, eta halako komunitate autofinantzatuen (KAF) ohiko metodologia izan dute abiapuntu. Bertatik ikasitakoa hartu, eta euren neurri eta beharretara egokitu dute. Dena den, beraiena da emakumeek soilik osatutako Espainiako Estatuko komunitate autofinantzatu bakarra. "Elkar babesten dugun emakume sarea gara, eta hasieratik argi genuen halakoa izan behar zela".
Taldearen lehenengo mailegua 30 eurokoa izan zen, baina dagoeneko, 3.000 euro inguruko kapitala pilatu dute. Kide kopurua ere hazi da, lau hasi baziren, hamahiru dira orain, jatorri eta egoera anitzetakoak. Sei urteotan ikasitakoarekin eman diote pixkanaka proiektuari forma, ikasi eta haien beharrak aldatu ahala, arauak eta funtzionamendua ere moldatuz.
Banku zikin bat, baina bestelakoa
Zer diren azaltzen hasita, azken finean "banku zikin bat" direla diote; euren interes, mailegu, eta arauekin. Hori bai, gutxienez, interesetatik lortzen duten etekina kide guztien zerbitzura jartzen dute. Nola? Hilabetean behin bildu, eta erabaki guztiak modu kolektiboan hartuz. Bozketak baztertzea erabaki dute gainera. Adostasuna lortzeko ahalegina egiten dute beti.
Funtzionatzeko modua dirudiena baino errazagoa da: hilabeteroko bileran kide bakoitzak zenbateko ekarpena egin nahi duen erabakitzen du: batzuek 10, besteek 30, besteren batek batere ez… Pixkanaka pixkanaka denen artean poltsa puzten dute horrela, gero, norbaitek mailegu baten premia duenean utzi ahal izateko. Horrela denean, jarrita duen kopuruaren laukoitza eska dezake, asko jota, kide bakoitzak. Hamabi hilabeteko epean, eta %1eko interesarekin itzuli behar izaten du gero.
Konfiantza da abala
Konfiantzaren papera ere bada bestelako banku ereduetatik bereizten dituen zerbait. Mailegua eskatzen duenak ez du abalik behar izaten, eta gainera, atzerapenak zigortzeko mekanismorik ere ez dute. Horrek ez die, ordea, arazorik sortu. Dirua zertarako nahi duten ere ez dute azaldu beharrik, eta hala, inor ez da epaitua sentitzen, bere motibazioa dena dela. "Hilabete bukaerara iritsi ahal izateko eskatu dugu batzuetan, edo etxetresna bat erosteko, baina baita bidaiatzeko ere…". Zer gertatzen da aldi berean askok eskatu dutela-eta, nahikoa diru ez badago? Ez omen zaie, oraindik, halakorik gertatu, "baina gertatuko balitz, dagoen hori ahalik eta modu orekatuenean banatuko genuke".
"Lagunei edo familiako kideei dirua eskatzea arriskutsua da, harremanak gaiztotzen ditu batzuetan, edo dependentziak sortu. Horregatik da hau askatzailea"
Dirua kontu korronteetan soilik gorde daitekeela irudikatzen dugu askok, baina ez, Penedeseko emakume hauek bestelako formula bat aurkitu dute. Giltza bakarra duen kaxa batean gordetzen dute dena, eta txandaka, kide batetik bestera igarotzen da, inor arduradun izendatu gabe. Hori bai, tentazioei iskin egiteko-edo, giltzarekin gauza bera egiten dute, eta ez ditu inoiz pertsona berak bi gauzak batera izaten.
Hori guztia posible da, kide guztien artean konfiantzazko harreman berezia dutelako. "Ez gara lagunak, ez gara zinera edo mendira elkarrekin joaten, baina elkar ulertu eta laguntzeak sortzen ditu lotura berezi batzuk eta hori ezinbestekoa da halako talde bat osatzeko".
Ahalduntzeko bidea
Sortu duten KAFaren funtzio nagusia elkarri babes ekonomikoa ematea izanagatik, ez da hori egiten dien ekarpen bakarra. "Alde batetik, aurrezten ari zara eta badakizu diru gehiago behar izanez gero bertatik jaso dezakezula, baina aldi berean komunitate bat ari zara sostengatzen, interes eta gogo antzekoak dituzten beste emakume batzuk osatzen duten komunitatea gainera". Egiten dutena eraldaketa sozialean eragiteko tresna badela uste dute, eta horregatik, hitzaldi, tailer eta antzekoak antolatzen dituzte.
Taldean parte hartuz garatu duten ezagutzari ere balio handia ematen diote, orain arte oso arrotzak zitzaizkien gaiak ulertu eta berrinterpretatzen asmatu baitute. Ahaldunduagoak sentitzen dira orain, bai talde baten babesa dutelako, baina baita ezagutzak ematen duen segurtasunari esker ere. Hori guztia, ekonomikoki autonomoago izateko aukera ahaztu gabe: "Lagunei edo familiako kideei dirua eskatzea arriskutsua da, harremanak gaiztotzen ditu batzuetan, edo dependentziak sortu. Horregatik da hau askatzailea". | news |
argia-88f6457557e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/lehen-urtea-ospatu-dute-egia-auzoko-baratzean.html | Lehen urtea ospatu dute Egia auzoko baratzean | Garazi Zabaleta | 2017-06-11 00:00:00 | Lehen urtea ospatu dute Egia auzoko baratzean
Baratzean hasi berri diren gazte askoren antzera, nola oso ongi jakin gabe baina zer edo zer egiteko gogotik sortu zen duela urte eta erdi inguru Donostiako Egia auzoko baratzea. "Auzoko hainbat gazte gogotsu geunden baratzaren kontuarekin. Urumea ondoan bazeuden beste alor batzuk lehenagotik okupatuak, eta bertan tokia bazegoela ikusita, sartzea eta pixkanaka lurra lantzen hastea erabaki genuen". Ainhoa Gutierrez del Pozo kideak kontatu dizkigu proiektu txiki horren ingurukoak. Maiatzaren 21ean bete dute lehen urtea.
Arituz ikasten omen da
Hasieran inork gutxik zekien baratzea nola landu. "Baratzea ereiten genuen lehen aldia zen gehienontzat". Urte honetan, ordea, pixkanaka ikasten eta hobetzen joan dira. Neguan, adibidez, teilatua egin dute euri ura aprobetxatu ahal izateko. Baratzean ur-sarrerarik ez dutela jakinda, aurrerapen garrantzitsua. "Iaz hor ibili ginen 25 litroko ur bidoiak garraiatzen, eskuz".
Lanerako nahiko modu "librean" antolatzen dira gazteak, eta hainbat formatu probatu dituzte denbora honetan. Udan, adibidez, lan gehiago dagoela eta, zaintza asteak banatzen zituzten baratzea ureztatu, belar txarrak kendu eta bestelako lanak egiteko. Neguan, berriz, lana lasaiagoa denez, astean egun bat jartzen zuten elkartzeko. Uzta denen artean banatzen dute baratzezainek.
Urtebeteko uzta
Maiatzaren 21ean ospatu zuten auzo baratzearen lehen urteurrena. Auzolanarekin eman zioten egunari hasiera: "Baratzean 30 bat lagun bildu ginen goizean lanerako". Eguerdian, berriz, 40 gazte inguru elkartu ziren bazkaltzera. Osagai nagusiak, baratzeko barazkiak. "Lehengo urtean Porrontxo jaietako auzo bazkaria egiteko baratzeko uzta erabili genuen", azaldu du Gutierrezek.
Hurbilekoen arteko ospakizuna izanik ere, tokia ezagutzen ez zuten hainbat pertsonek lehen bisita egin zioten Egiako auzo baratzeari. "Norbaitek gogorik baldin badu bertan tokia baduela ikusteko aukera ona izan da", dio baratzeko kideak. Landatzeko, ikasteko, nahiz uzta jasotzen jarraitzeko. | news |
argia-0a43a4c8e71a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/mila-urteko-zerrenda-japoniarrak.html | Mila urteko zerrenda japoniarrak | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-06-11 00:00:00 | Mila urteko zerrenda japoniarrak
Japonia, 966. urte inguruan. Sei Shonagon idazle, poeta eta gortesaua jaio zen. Fujiwara no Teishi (Sadako izenez ere ezaguna) Heian aroko enperatrizaren zerbitzura jardun zuen. Ezer gutxi dakigu emakume horren bizitzari buruz, bere idatziez gain. Burkoaren liburua bilduma idazteagatik da bereziki ezaguna. Lan horretan egileak enperatrizaren eta gortearen berri jaso zuen. Hainbat poema ere bildu zituen, baina, bereziki, zerrendak nabarmentzen dira liburuan; batzuk bitxiak dira oso eta beste batzuek ez dute gaurkotasunik galdu.
Zerrenda horien zerrendak berak ez du ezer bazterrean uzteko: bihotz-taupadak azkartzen dizkiguten gauzak; konparatu ezin diren gauzak; zikin sentiarazten gaituzten gauzak; mugitzen diren gauzak; finak izan behar luketen gauzak; boterea galdu duten gauzak; ikusteko edo entzuteko grina eragiten diguten gauzak; urrun egon arren hurbil dauden gauzak; gauza arraroak...
Hona hemen gauza arraroen azken zerrenda horretako ale batzuk: aitaginarrebak suhia laudatzea eta, era berean amaginarrebak erraina estimatzea; nagusiaz gaizki esaka ez dabilen mirabea; berezitasunik ez duen pertsona.
Lotsarazten gaituzten gauzen zerrendak argi uzten du gauza batzuk ez direla batere aldatu mila urtean: norbaiti buruz hitz egitea, entzun gaitzakeela konturatu gabe; gurasoek, haien haur itsusia maitagarria dela sinistuta, haurrak esaten duen guztia errepikatzea, haren ahotsa imitatuz; gizon batek bereziki onak ez diren bere poemak errezitatzea eta jaso dituen laudorioez jardutea.
Horrez gain, gauza dotoreak ere bildu zituen gortesauak beste zerrenda batean: txaleko more baten gainean beroki zuria eramatea; liana xarabea izotzarekin nahastua eta zilarrezko katilu berri batean zerbitzatua; ahateen arrautzak; glizinak loretan; elurrak estalitako aranondo loreak; haur eder bat marrubiak jaten.
Burkoaren liburu- ko beste zerrenda batzuk bihurriagoak dira, hala nola, iragan loriatsua izan arren gaur egun alferrikakoak diren gauzak: ikusmen kaskarreko margolaria; gustu onez eraikitako etxe bateko lorategiko zuhaitzak, suak suntsitu ondoren; inork zaintzen ez duen eta alga geruza lodi bat daukan urmaela.
Amaitzeko, Sei Shonagonen poeta izaera biltzen duen zerrenda ederra, musika duten isiltasunaren gauzak: euriak garbitu berri duen ezkila-loreen saila; egurrezko kutxa ñimiñoak; ibaitik hurbil, amesten duen hari sonata bat idazten dion emakumea, elurra mara-mara botatzea; txorien hilerriak; intsentsu-makilan kea. Eta, azkenik, magnolien heriotza. Magnolia horietan, argia anbar kolorekoa den orduetan, emakume talde bat ikus daiteke pabana dantzatzen. | news |
argia-7e31ac96dd16 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/poliziaren-gehiegikeriak-frantziako-auzo-txiroetan.html | Poliziaren gehiegikeriak Frantziako auzo txiroetan | Jenofa Berhokoirigoin | 2017-06-11 00:00:00 | Poliziaren gehiegikeriak Frantziako auzo txiroetan
Frantziak begiratu nahi ez duen arazo potoloenetarikoa da hiri inguruetako egoera. Bazterketa geografikoaz gain, diskriminazio soziala, politikoa eta ekonomikoa dute eguneroko ogi bertakoek. 50eko eta 70eko hamarkaden artean eraikitako auzo horietan, etorkinak eta Frantzian sortu haien ondorengoak dira nagusi. Poliziaren gehiegikeriek giroa jasangaitza bilakaturik, sutan jartzen dira erregularki. Soluzio politikorik ez denez ematen, jazarraldien zerrenda luzatuz doa.
Sutan jartzen dira, haserreak sustaturik. Ez da ordea irudia: sugarrek hartzen diote gaina gauaren ilunari. 1979an izandako lehenetik, aurtengo otsaileko azkenera arte, Frantziako hiri inguruetako jazarraldi guztiek dute oinarri bera: bazterketa sozio-ekonomiko politikoa eta poliziaren gehiegikeriak. "Enplegua, etxebizitza, hezkuntza ala beste, egoera kaskarra pairatzen dugu, baina guzti horrek oinarri bera du: arrazismo estrukturala dago Frantzian", dio Louisa Yousfi arrazismoaren aurka dabilen gazte militanteak.
Historia errepikatuz doa. Laurent Mucchielli soziologoak argi dauka: "Hutsegite bat da jazarraldiak delinkuentziaren esparrura mugatzea; bai, ekintza delinkuenteak burutzen dituzte, baina ez da hori bakarrik". Konpondu gabeko hainbat arazo daude oinarrian. Botere politikoen partetik egoera hobetzeko nahikari politikorik ez du sendi. "Aurrekontuei begiratuz gero argi geratzen da ez dela lehentasunetan".
Lehen ministro zela, Manuel Vallsek berak "apartheid territorial, sozial eta etniko" gisa definitu zuen egoera
Botere politikoen partetik ez bada, hiri inguruetako gazteen partetik sendi du aldaketa Yousfik. 2005az geroztik politikoki antolaturik, jazarraldi geroz eta gutxiago eta manifestazio zein kolektibo gehiago daudela dio. Ez da iritzi berekoa Mucchielli: "Ez naiz hain baikor, maleruski ez dut hainbeste antolaketa politikorik sendi". Polizia kontrol batetik ihesi, elektrika-gune batera sartu eta elektrifikaturik hil ziren 2005ean Paris ondoko Clichy-sous-Bois auzoko Zyid Benna eta Bouna Traoré. Auzoan hasi eta Frantziako beste hiri inguruetara hedatu ziren hiru astez iraundako jazarraldiak. Haserrea areagotu egin zen hirugarren egunean, poliziak negar gasezko granada bat auzoko meskita barnera bota zuenean. Gibeletik zituzten poliziak hobengabetzat jo izan dira. Auzitegian, polizia zuriaren hitzak sistematikoki auzokoen hitzari gaina hartzen diola deitoratu ohi du biktimen senideek osatu Urgence, notre police assassine (Presa handia bada, gure poliziak erailtzen du) kolektiboak.
Hamar urtez, 47 herritar poliziak hilik
Poliziaren gehiegikeriek sua pizten segitzen dute. Azkenak, aurtengo otsailean, poliziak Théo Luhaka gaztea atxilotu eta bortxatu izanaren ondorioz. Itxuragatiko kontrolak dituzte jasangaitzak. Poliziaren partetik, beltz ala beltzaran batek zuri batek baino zortzi aldiz gehiago kontrol ukaiten ditu Frantzian. Kontrol horiek eragin "umiliazioa" aipatzen dute Yousfi zein Mucchiellik. Krimenen aurkako BAC brigada hurbiletik segitu duen Didier Fassin antropologoak hiru joera ondorioztatu ditu: atxiloketa arbitrarioak, izariz kanpoko neurriak eta praktika laidogarriak.
Poliziaren gehiegikerien puntu gorena izaten dira hilketak. Azken hamar urteetan 47 izan dira. Zenbaki horren berri eman zuen maiatzean Streetpress komunikabide paristarrak. Ez du polizia bakar batek kartzelan bukatu: hiru, gibelapenezko zigorrekin atera dira epaitegitik, hamasei hobengabe ekarriak izan dira, eta hogeita zortzi epaitzen edo epaitzekoak dira. Poliziaren alorra erreformatzeko beharra ikusten du Mucchiellik. 1997an osatu gobernu sozialista saiatu zen, hurbileko polizia jarriz. Baina, sektoreko buruek laster blokeatu zuten erreforma. Soziologoaren hitzetan, "Frantzian ez dugu patruilan ibilki, herritarrekin solasean dagoen poliziarik. Auzoetara doaz gudu zelaira doazen gisa". Hori erranik, jazarraldien lehen arrazoia "mendeku gogoa" dela dio.
Ghetto bihurtzea
Urbanizatze politikari lotua da egoera. Hain zuzen, hiri inguruak benetako ghettoak direla salatzen du Yousfik. Ez da konparaketa hori egiten duen bakarra; duela bi urte, Lehen ministro zela, Manuel Vallsek berak "apartheid territorial, sozial eta etniko" gisa definitu zuen egoera.
Bigarren Mundu Gerlaren biharamunean, Immigrazioaren Erakunde Publikoa sorturik, beste herrietako (Italia, Portugal, Maroko, Aljeria...) langileen etorrarazte politika martxan jarri zuen Frantziako Gobernuak, modernizazio politika gauzatzeko. Atzerritik eta baserrietarik jindako biztanleria hori aterpetzeko eraiki zituzten grands ensembles (multzo handiak) deitu auzoak. Logika: ahal bezain fite ahal bezainbat apartamendu eraikitzea. Elkarri segi dote eraikinek, usu karratu hetsi bat osatzen dutela. Ehunka eta milaka apartamendu, elkarren gainean metaturik. Hiriek dakarten zerbitzuetarik bazter.
Poliziaren partetik, beltz ala beltzaran batek zuri batek baino zortzi aldiz gehiago kontrol ukaiten ditu Frantzian
Apartamenduetan ur beroa eta komunak eskainiz, hastapenean modernizazio kutsua bazuten ere, kritikak agertu ziren laster. Andeatzen hasi ziren bizitokiak. Sarcelles auzoko biztanle batek asmatu sarcellite nozioarekin bertakoen depresio eta neurosi sentimendua salatzen hasi ziren. Kritikak kontuan hartuz eta segregazioa txikitzeko xedez, hirigintzarako politika abiatu zuten botere publikoek 60. hamarkada bukaeran. Dorreen eraikuntza 1973an gelditu eta bizitegi pribatuen eraikuntza sustatzen hasi ziren. Laguntzaz baliaturik, multzo handietarik partitu ziren anitz. Baina, biztanleriaren zati prekario eta pobreenak ezin izan zuen. Bertan gelditu ziren, miseria ekonomikoaz gain miseria sozialean. Giro arrazistaz inguraturik, isiltasuna hautsiz, bertan gelditutakoen umeek zuten egoera salatzeko pauso politikoa eman. Bigarren belaunaldia deitu ohi direnek.
1979: lehen jazarraldia
Jazarraldiak ziren tresna bat. 1979 urteko irailean izan ziren lehenak, Lyoneko Grappinière hiri inguruan. Auto lapurretak leporatzen zitzaizkion Akim gaztetxoa atxilotzeko eta Frantziatik kanporatzeko sartu zen auzora polizia, irailaren 15ean. Polizia gibeletik zuela, zainak ireki zituen. Odola dariola zuela, eskuburdinak jantzirik eraman zuten, auzoa sutan utziz.
Aldarria ozenago entzunarazteko, Berdintasunaren aldeko eta arrazismoaren aurkako martxa burutu zuten 1983an. Ospitale batetik, poliziak tirokatu Toumi Djaidja gaztearen ahotik atera zen deia. Marseillatik hamar bat lagun abiatu eta ehun mila batu ziren Parisko azken kilometroetan. Urte horretan hiltze arrazista andana izan zen: Barne ministerioaren arabera, bost; aldiz, Arrazismoaren aurkako taldeen arabera, hogeita bat. Gaur egun, martxa horiek segitzen dute. Azkena aurtengo martxoaren 19an egin zuten. Bigarren belaunaldiak ez, baina bai hirugarrenak, ez bada laugarrenak bultzaturik. | news |
argia-0aa3b5c7658e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/gini-indizearen-zuloa.html | Gini indizearen zuloa | Aiala Elorrieta Agirre | 2017-06-11 00:00:00 | Gini indizearen zuloa
Errenta banaketaren ezberdintasunak neurtzeko orduan, Gini indizea da ezagunetako bat. Ehun urte beteak dituen koefiziente honek herrialde jakin batean errenta banaketa nolakoa den esaten digu 0 eta 1 bitarteko balioak hartuaz. Berdintasun osoko herrialde batean 0 balioa hartuko luke eta beste muturrean, desberdintasun osoko herrialde batean, 1 balioa. Errealitatean noski, koefizientea tarteko balioen artean mugitzen da eta bereziki baliagarria da konparaketak egiteko. Hau da, erabilgarria da oso herrialdeen arteko desberdintasunak alderatu edota herrialde jakin baten desberdintasun mailak denboran zehar duen joera aztertzeko.
Zentzu horretan, Gini indizearen ekarpena oso garrantzitsua izan da: hankaz gora jarri ditu ohiko Barne Produktu Gordinaren araberako rankingak. BPGk errenta maila neurtzen duen heinean, herrialdeen batez besteko errenta mailarekin lotuta dago eta horrenbestez, pobrezia mailarekin. Desberdintasunak ostera, banaketarekin daude lotuta. Herrialde oso txiroetan desberdintasun handiak egon daitezkeen modu berean, errenta maila handiko herrialdeetan ere desberdintasun handiak ezkuta daitezke; Brasil edota AEBen kasua litzake.
Gini indizearen ekarpena oso garrantzitsua da: hankaz gora jarri ditu ohiko BPGren araberako rankingak. BPGk errenta maila neurtzen duen heinean, herrialdeen batez besteko errenta mailarekin lotuta dago eta horrenbestez, pobrezia mailarekin. Desberdintasunak ostera, banaketarekin daude lotuta, gizartearen osotasunean dagoen desberdintasuna islatzen du, baina ez digu ezertxo esaten gizartearen baitan gertatzen denaz
Gini indizeak gizartearen osotasunean dagoen desberdintasuna islatzen du, baina ez digu ezertxo esaten gizartearen baitan gertatzen denaz. Muga horretaz José Gabriel Palma ekonomialari txiletarra ohartu zen XXI. mende hasieran. Herrialdez herrialde biztanleriaren muturrekin zer geratzen zen aztertuta, ikerketa sakona egin zuen. Horretan zebilela fenomeno politiko kuriosoaz jabetu zen: munduko herrialde guztietan klase ertainak aberastasunaren zati berdintsua bereganatzen du, aberastasunaren erdia alegia. Bere datuekin frogatu zuen ezberdintasunaren muina muturretan dagoela. Hau da, gakoa aberastasunaren beste erdiaren banaketan dago: gaztaren beste erdia nola banatzen den gizartearen %40 pobreenaren eta %10 aberatsarenaren artean.
Hego Ameriketako herrialdeetan errenta desberdintasun handiagoak daude herrialde nordikoetan baino. Baina bi eskualdeetan klase ertainari dagokion aberastasuna antzerakoa da: klase ertainak gaztaren erdia eramateko gaitasuna errepikatu egiten da herrialdez herrialde. Aldiz, aberatsenen eta txiroenen gaitasunak oso desberdin portatzen dira herrialdez herrialde.
Ñabardura hau oso baliagarria zaigu politika publikoak ebaluatzeko bidea ematen duelako. Txileri begira, Palmak argi ikusten du azken hamarkada hauetako ezker-zentroko gobernuen porrota: desberdintasunak murrizteko saiakerak egin dituzten arren, %10 aberatsenak zeukanari tinko eutsi dio. Horrexegatik desberdintasuna oso gutxi murriztu da Txilen eta ezker berriak arrakasta lortu badu gutxieneko soldata eta familia poltsari esker pobrezia murriztu duelako izan da.
Palmaren emaitzek mahai-gainean jartzen dute desberdintasunak murrizteko politika publikoak %10 aberats horretara zuzentzea ezinbestekoa dela: egiturazko zerga erreformatzea, zergen iruzurra sakon ikuskatu eta zigortzea, eta paradisu fiskalekin amaitzea.
Txiletik gurera salto eginez, begira diezaiegun gure erakundeei. Oso trebeak dira biztanleria txiroenaren kalterako murrizketak aplikatzen eta eliteei geroz eta pribilegio gehiago aitortzen. EAEn eta Nafarroan, sozietateen gaineko zergari begiratzea baino ez dago horretarako. Bada, pobreenen kontra aplikatu ordez, murrizketak bidera ditzatela goiko mutur aberatsenak gaztaren zati handiegiaz jabetzeko dituen tresnak gutxitzera. | news |
argia-f2610dc88910 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/diru-sarrerak-bermatzeko-errentan-sailburuak-aurkeztu-dituen-proposamenak.html | Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan sailburuak aurkeztu dituen proposamenak | Estitxu Eizagirre | 2017-05-31 00:00:00 | Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan sailburuak aurkeztu dituen proposamenak
Beatriz Artolazabalek 15 egokitzapen eta bost aldaketa proposatu ditu Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan. Tartean daude etxe berean bizi diren pertsona denen diru-sarrerak kontatzea, etxe bakoitzean gehienez DSBE bakarra jaso ahal izatea eta zenbatekoak Jaurlaritzaren aurrekontuen arabera erabakitzea, ez Gutxieneko Soldataren arabera.
Maiatzaren 31n aurkeztu ditu Gizarte Politika eta Enplegu Sailburuak Eusko Legebiltzarrean proposamenak. Egoeraren diagnostikoa eta herritarrei eginiko inkesta bat ere aurkeztu ditu. Oinarri horrekin, Legebiltzarrak adostu beharko du DSBE Legearen erreforma. Hurrengo udaberrira arteko prozesua izango dela aurreikusten da.
Hauek dira, puntuz puntu, Artolazabalek aurkeztutako proposamenak ( irekian, gazteleraz ):
1- Bizikidetza unitateak determinatzeko modua: Etxe berean bizi diren kide guztiak kontuan hartzea proposatu du. Hau da, euren arteko harremana edozein dela ere, etxe berean bizi diren kide guztien diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eta gehienez, etxe bakoitzean DSBE bakarra jaso ahal izango da. Kasuan kasuan salbuespenak egingo dira.
2.-Errentaren zenbatekoa eta konplementuak kalkulatzeko formula aldaketa: Bizikidetza unitate denek oinarri bera izango dute, eta kideak gehitu ahala gutxitzen doazen konplementuak izango ditu heldu bakoitzeko eta ume bakoitzeko. Pertsona bakarrak 650 euro jasoko lituzke (450 euroko oinarria + 200 euro helduarena); bikoteak 850 euro (400+200+160 bigarren helduarena) eta bi ume eta bi helduk 1.014 euro (400+200+160+120 lehen umea+80 bigarren umea). Bizikidetza unitate batek, gehienez, 1.200 euro jasoko lituzke.
3.-Egoitza ziurtagiria: Udaleko erroldaz gain, EAEn bizitokia duela ziurtatzeko beste agiri gehiago eskatzea proposatu du. Egun 3 urtez egon behar da EAEn erroldatuta DSBE jasotzeko, eta epe hori 2 urtera jaistea proposatu du, adin txikikoak euren kargu dituztenen kasuan.
4.-Errefuxiatuak eta asilo politikoa edo nazioarteko babesa eskatu dutenen kasuan, 3 urteko erroldatik salbuestea proposatu du. Herritar hauek beren jatorriko herrialdean dokumentazioa lortzeko zailtasunak eta baita arriskua dutenez, hainbat ziurtagiri aurkeztetik salbuestea proposatu du. Esaterako, jatorriko herrialdean dituen ondasunen agiria, NIE edo pasaportea (errefuxiatu txartela edo asilo eskaerak ordezkatuko luke).
5.-Ondarea baloratzeko modua. 18/2008 Legearen arabera, DSBE jasotzeko ezin da bizitokia ez den beste higiezinik izan, ezta ondasun igikorrik, neurri batetik gora. Artolazabalek proposatu du kasuan kasu baloratzea ondasun horien balioa eta likidatzeko aukera eta ondasun horren balioa zenbat eta handiagoa izan, jasotzen den DSBE zenbatekoa murriztea.
6.-Ez-bidezko ordainketak preskribatzea, bi urtera, Lanbidek ez badu gehiegizko ordainketa hau erreklamatu edo jakinarazi.
7.-DSBE zer ordaintzeko erabiltzen den kontrolatzea. Proposatu du araudian txertatzea DSBE jasotzen dutenek zer ordaintzea hartzen den "erabilera txartzat", eta zer kasuk ekar dezakeen DSBE etetea edo kentzea.
8.-"Iruzurrean kooperatzen duten hirugarren pertsonak" zigortzea, arduran parte eginez.
9.-Lanerako estimuluak hobetzea. Lanaren konplemento diren laguntzak jasotzeko gehienezko epeak kentzea. Soldararen konplemeto diren laguntzak gehienez 400 eurokoak izatea. Laguntza hauen zenbatekoa definitzeko formula aldatzea, lehenetsiz epe luzeko lanak, lan laburren aldean.
10.-Enpresa arruntak inplikatzea DSBE jasotzen dutenei eta denbora luzez langabezian direnei lan aukerak sortzen. Errelebo-kontratuetan obariak handitzea proposatu du, hartzen den pertsona DSBE jasotzen duena edo epe luzez langabezian dagoena bada.
11.-Lanbidek lan eskaintzak eta formaziokoak handitzea eta DSBE jasotzaileek hauei erantzun behar izatea.
12.-DSBE jasotzen duen bakoitzari administrazioko langile erreferente bat jartzea, gizarte zerbitzuetan eta lan zerbitzuetan orientatzeko.
13.-Hirugarren sektorearen eta ekonomia solidarioaren parte-hartzea.
14.-Diru Sarrerak Bermatzeko EAEko Sistema eta Gizarteratzekoa osotasunean lantzea.
15.-DSBEren datuak gardenki erakustea eta Lanbideren datuen lanketa estatistikoa egitea.
Proposatu dituen beste aldaketa batzuk
- Erakunde publikoek finantzatutako egoitzetan bizi direnei DSBE gutxitzen joatea, kopagoa ez dagoen kasuetan.
- Herentziak, donazioak eta indemnizazioen gaia zehaztea.
- Bizikidetza unitateko edozein kidek eskatutako kreditu pertsonalak "ezohiko diru-sarrera" gisa hartzea, eta debekatzea DSBE edozein kredituren berme gisa erabiltzea.
- Norberaren baliabide gisa hartzea bizikidetza unitateko edozein kidek borondatez uko eginiko diru-sarrerak, bai Espainiako estatuan eta baita atzerrian ere.
- Araudian sartzea erremintak, frogatzeko atzera begirako DSBE ordainketak egiten direnean diru hori hirugarrenei eskatutako dirua itzultzeko erabiltzen dela, eta batez ere, udaletxeek edo hirugarren zerbitzuko erakundeek aurreratu duten dirua itzultzeko erabiltzen dela. | news |
argia-f2d761a516f5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/intsusadia-edanean.html | Intsusadia edanean | Jakoba Errekondo | 2017-06-11 00:00:00 | Intsusadia edanean
Urteko ikuskizun ederrenetako bat igaro berria dugu: sagastiak loretan. Milaka sagasti han eta hemen paisaia zuritzen, xuri-gorritzen, arrosatzen. Sagarrondoak, Malus x domestica, makina bat urtetan eman diguna sekula ez dugu behar bezala eskertuko; ni pozten naiz gero eta toki gehiagotan loraldi honi egiten zaion gorazarrearekin. Elorri zuria, Crataegus monogyna, loratzen denean etortzen dela benetako udaberria entzun izan diot maiz Pello Zabalari. Loraldi haren zain izaten dira sagarrondoak bere ikuskizunari ekiteko. Ez da, ordea, bakarrik loratzen. Intsusa ere, Sambucus nigra, hor izango du loraldi lagun.
Intsusaren lorea ere ederra da, alde askotatik. Ikusgarria, multzo zuri-laru handietan urrutitik antzematen zaio. Usain goxoa hedatzen du, hordigarria gabe. Eta probetxu handikoa da, bai lorea bera, baita ernaldu ondoren haziko duen pinporta koxkor beltxa ere. Pinporta horiekin marmelada, jelea, erreximenta eta antzeko kontserba gozoak egin ohi dira. Saiatu, ez zara damutuko. Gozotik bezala, ardoa ere egin daiteke intsusaren fruituarekin. Ondo heldu denean, zanpatu eta muztioa irakiten utzi. Hona bide bat: hogei kilo intsusa koxkor heldu zukutu eta muztioa kendu; kilo bat ezti eta 35 gramo gatz erantsi; 20 litro ur nahasi, eta toki epel batean irekita irakiten utzi. Lehen hartzidurak aparra sortuko du; baretzen denean, azpiko amarik gabe, beste ontzi batera pasa, eta, bigarren irakinaldi luzea egiteko, itxita, toki fresko batean utzi. Hilabete batzuen ondoren, dastatuz erabaki noiz dagoen edateko onenean. Neuk ez dut sekula egin, baina, inork asmoa hartzen badu, gustura dastatuko nuke.
Fruituei itxaron beharrik gabe, loreekin ere egiten da ardoa. Bost litro ur eta bi kilo eta erdi azukre beltz berotu, hiru limoiren zukua erantsi, kilo eta erdi intsusa loreekin nahasi eta, estalita, egun betez egonean utzi; oihal batekin iragazi, eta tapa hariduna duen botila edo ontzi esterilizatuetan sartu eta utzi. Muztio gozoa izango da. Ardotzeko, iragazitako muztioa irekita hartzitzen utzi, eta, irakina amaitutakoan, botilaratu. Hutsik edo urardotuta, berotuta edo hotza edan daiteke. Hori bai, hori dastatu izan dut: bikaina! | news |
argia-12c3aa3562d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/nafar-espainiartasunaren-alde-ikurrinaren-aurka.html | Nafar-espainiartasunaren alde, ikurrinaren aurka | Xabier Letona | 2017-06-05 00:00:00 | Nafar-espainiartasunaren alde, ikurrinaren aurka
Nafarroako eskuinak bazuen kalera ateratzeko gogoa aldaketaren Gobernuaren aurka, larunbatean oso argi ikusten zen hori Iruñean. Nafarroako banderaren defentsa izan da aitzakia, baina herenegun zuzeneko aipamenik izan ez bazuen ere, funtsean ikurrinaren aurkakoa zen.
Nafarroako eskuinak bazuen kalera ateratzeko gogoa aldaketaren Gobernuaren aurka, larunbatean oso argi ikusten zen hori Iruñean. Nafarroako banderaren defentsa izan da aitzakia, baina herenegun zuzeneko aipamenik izan ez bazuen ere, funtsean ikurrinaren aurkakoa zen. Manifestazioa hainbat kolektibok deitu zuten eta nagusiki UPNk mugitu ditu hariak atzetik, bai antolaketa aldetik bai herritarrak mobilizatzerako orduan. Edozein kasutan, jende asko bildu zen Iruñean: antolatzaileen arabera 22.000 eta 25.000 pertsona artean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak 23.000 aipatu zituen; Udaltzaingoak 15.000, Diario de Navarra -k "hamarnaka mila", Diario de Noticias -ek 15.000 eta Gara -k 16.000.
Nafarroako Legebiltzarrak 2003tik indarrean egon den Sinboloen Legea bertan behera utzi duenean etorri da haserrea, aurrerantzean ikurrina ere egon ahal izango delako Nafarroako eta Espainiako banderekin batera. Inork ez zu zalantzan jartzen Nafarroako bandera, baina hala ere "Nafarroako bandera defenda dezagun [gaztelaniaz]. Gurea defenda dezagun [euskaraz]", zioen pankarta nagusiak. Gorriz jantzita joan ziren herritar asko eta partehartzaileek ehunka Nafarroako bandera eraman zituzten. Zeharka Espainiako banderari begira, antolatzaileek bereziki azpimarratu zuten Nafarroako bandera bakarrik eramateko deia, eta nagusiki hala izan zen, baina ezin izan zuten guztiz saihestu eta dozenaka bandera espainiar ere ikusi ziren ibilbidean zehar.
Esperpentorako irudi edo uneak ere izan ziren, Nafarroako banderaz estalitako pertsona batek bere burua txistorra batekin zigortzen zuen; gerora jakin zen Asun Requena tafallarrak egindako The Flag performancea zela. Amaierako ekitaldian eszenatokitik Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuten, baina txoria hitza Nafarroa bihurtuz "…ez zen gehiago Nafarroa izango, eta nik Nafarroa nuen maite". Gabriel Arestiri erreferentzia eginez gaztelaniaz jaurti zuten eszenatokitik "defenderé la casa de mi padre".
Une garrantzitsu guztietan UPNk PSNren laguntza izaten du, eta orain ere bai. Ez da erraza Maria Chiviteren alderdiaren jokaldia ulertzea. Eskuinaren arrimura aritzeak inoizko ordezkaritza instituzional txikiena ekarri dio eta orain ere manifestazioa sostengatzeak barne ika-mikak ekarri dizkio; corralitoaren eta Nafarroa espainiarraren indarra handiegia da oraindik, ez da beste azalpenik.
Nafar herritarrek aldaketa ondo baloratzen dutela diote inkestek legealdiaren erdian. Aldaketaren Nafarroak askoz gehiago behar du, zalantzarik gabe, baina, desadostasunak desadostasun, alternatiba zein den ikusteak, hauteskundeei begira gutxieneko erronka non den argi erakutsi zuen ekainaren 3ak.
Bideo hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa litzentzia baliatuta | news |
argia-b043b4b6f033 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/ion-andoni-del-amo-party-borroka-liburuaren-egilea.html | "Kultura ez da apurtzaile izateko lehen bezain tresna eraginkorra" | Lander Arretxea | 2017-06-11 00:00:00 | "Kultura ez da apurtzaile izateko lehen bezain tresna eraginkorra"
Txosna eta jaialdietan beti musika berbera entzuten dela, oraindik ere 80ko hamarkadan sortutako korronteetatik ari garela edaten, gero eta gehiago direla ingelesez sortzen duten musikariak… Tabernazulo (fisiko zein digitaletako) tertulietan gero eta ohikoagoak diren hariak dira. Haietatik tiraka jarri da Ion Andoni del Amo. Tesian lehenengo, eta hura laburtuz Txalapartarekin kaleratu duen
Party & Borroka liburuan ondoren.
Gaur egunera etorri aurretik, 60ko hamarkadako Euskal Kantagintza Berria eta RRVa aztertu dituzu. Ezaugarri bertsuak omen dituzte.
Oso estilo desberdinak dira, baina hiru ezaugarri komun dituzte. Lehenak hartu zuen momentuko abangoardia kontrakulturala, Bob Dylan eta abar, eta punkak ere bere momentuko abangoardia ekarri zuen hona; izaera kontrakulturala zuten bi mugimenduek; eta hirugarren elementua, euskara edo Euskal Herriarekiko konexio kulturala da. Punkaren kasuan hizkuntzaren lotura ez da hain nabarmena, baina hala ere bazegoen euskaltasunarekin lotzeko joera bat. Denborarekin, euskararekiko loturak eta gune alternatibo horiek egin dute beren bidea, baina gutxien garatu dena abangoardia musikalekiko lotura izan da.
Zuri atentzioa eman zizuna hori da: Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, Euskal Herrian urte luzez musika mota berbera entzun izan dela.
Bai, ikusi nuen 25 urtez musika mota berbera izan dugula gune alternatiboetan, eta gainera, gero eta jende gutxiago hurbiltzen zela bertara. Beste herrialde batzuetan hala ez zela ikusita, hori aztertzeko gogoa piztu zitzaidan, eta master amaierako lan gisa garatu nuen. Gero, behin hasita, gehiago garatu dut tesian, eta gero berriro laburtu, liburua egiteko. Nire iritzia aldatu da ibilbide horretan, eta baita errealitatea ere. Azken bost urteetan aldaketa asko izan dira, txosnaguneetan batik bat.
"Kanon rockero bat eraiki da bi ildo dituena, hard-rock metaleroa, Berri Txarraken estiloan, eta airezko instrumentuduna, Betagarriren ildoan"
Transgresioaren izenean, kulturalki kontserbadoreak izan dira esparru batzuk?
Leire Lopezek oso ongi adierazten du. 20 urtez gauza berak esatea, erritmo berean, ez da transgresiboa. Mezu horiek galdu dute bere unean zuten gaitasun apurtzailea, eta baita politikoa ere, "estribillo" hutsak izateraino. Bitxia da gune eta jaialdi alternatiboetan eman den fijazio hori, beste estilo batzuk eta euren gaitasun eraldatzailea gutxiestekoa.
Bestalde, egia da retromaniarako joera, aspaldiko musikara itzultzekoa, fenomeno unibertsala dela gaur egun. Baina hemen are gehiago gertatu da, retromania horretan instalatuta egon gara. RRVaren inguruan eraiki zen nortasun eta identitate oso bat, eta horregatik indartsu mantendu da. Errepikatu ditugu eskema berberak transgresioaren izenean, eta beste elementu transgresore batzuk sortu direnean, horien kontrako jokabideak garatu ditugu. Mantendu dugu apurtzaile izateko kanon jakin bat: rockeroa, maskulinoa… Asko kosta da horri buelta ematea.
Horrela ulertzen da, besteak beste, musika elektronikoak Euskal Herrian izan duen bide zail eta berantiarra. Hemendik At-en adibidea aipatzen duzu liburuan.
Hemendik At-en kasua oso adierazgarria da. Beste talde elektroniko batzuei zera aurpergiratzen zaie: hedonistak direla eta eduki gabeak, drogekin lotura dutela, ez dutela aldarrikapenik egiten… Baina Hemendik At euskaraz zen, oso ildo abertzaleko aldarrikapenez josia… Eta hala ere bazterketa hori bazegoen, alde estetikotik zetorrena. Kanon rockero bat eraiki da, bi ildo dituena: hard-rock metaleroa, Berri Txarrak-en estilora, eta bestea, airezko instrumentuduna, Betagarriren estilora. Hortik kanpo zegoena ez da onartua izan. Antolatzaile eta zirkuito alternatibo askotatik egin da boikota, baina baita publikoaren sektore batzuetatik ere. Hemendik At-en kasuan, jende asko zen "hau ez da gure estiloa" oihukatzen zuena.
Tabernetan edo txosnaguneetan entzuten den musika motaren ateak zabaldu direnean ordea, musika komertzialari ireki zaizkio batez ere.
"Ez dago berez estetika musikal edo kultural bat iraultzailea dena. Antolatzeko modua da batez ere iraultzailea"
Hori gertatu da, bai. Konturatu direnean gero eta jende gutxiago mugitzen zela, berandu zenez gogoeta kulturala egiteko, modako produktu komertziala erosi dute. Abangoardietatik tira beharrean, logika komertzialetik jo da, jendea erakarri eta esparrua salbatu ahal izateko. Bai tabernetan eta bai txosnaguneetan. Aldi berean, egia da rap-a eta musika elektronikoa ere tokia izaten hasi direla.
Pentsatzen dut horrek ekarri duela izaera kontrakulturala galtzen ari ziren espazio horiek, are gehiago urardotzea.
Bai eta ez. Egia da bihurtzen ari zirela komunitate jakin baten esparruak, izaera kultural oso definituarekin, eta hori apurtu da neurri batean. Baina apurketa horretan bi elementu desberdin sartu dira: batetik lortu da espazio unibertsalagoak bihurtzea, transgresorea izateari utzi zion izaera kultural bat sakrifikatuz. Bestetik, horri esker jende gehiago erlazionatu da esparru alternatibo horiekin. Amu gisa ere balio izan du, beraz.
Ez da kezkatzekoa abangoardia kulturalak gune horietan lekurik ez izatea?
Ez horrenbeste. Masa kultura homogeneoa zenean, estetikaren eta kulturaren bidetik iraultza egitea oso indartsua eta garrantzitsua zen. Punkak egin zuen, skin mugimenduak… Identitate zapaldu bat politizatuz ere talka handia lortzen zen. Gaur egun aldiz, logika kultural dominantea aldatu da: bultzatzen duena aniztasuna eta pluraltasuna da, eta beraz, orain aldarrikapen eta jarrera horiek ez dute lehengo indar bera. Bizitza edo kontsumo era moduan hartzen ditu sistemak, gustu moduan. Kultura eta estetika tresna moduan ez dira hain iraultzaileak. Ez du esan nahi garrantzitsuak ez direnik, baina apurtzaileak izateko gaitasuna galdu dute, hein handi batean.
Hori horrela bada, gune kontrakultural edo alternatibo horietan eman diren aldaketak desdramatizatu egin behar dira. Egia da hautu inkontzientea izan dela musika komertziala onartzea kutxa betetzeko, baina horrek ez du esan nahi hautu okerra izan denik.
Argazkia: Dani Blanco.
Ez dago orduan, gaur egun, apurtzailetzat jo daitekeen korronterik?
Ez, ez dago berez estetika musikal edo kultural bat iraultzailea dena. Iraultzailea, batez ere, egiteko eta antolatzeko modua da. Nola, eta ez horrenbeste zer. Auzia ez da musika elektronikoa bai ala ez, aldarrikapen mezuak bai ala ez… Auziak izan behar luke zein den antolatzeko modua, diskografika handiekin erlazionatzen den edo ez, zein jarrera duten taldeek antolatzaileekin…
Bestetik, eredu kultural nagusiak uniformetasuna bultzatzen zuenean, tribu desberdinak sortuz apurtu zen horrekin. Gaur egun aldiz, aniztasuna eta fragmentazioa bilatzen ditu, bai kulturan, bai beste alorretan. Orain musikak zentzu iraultzailerik badu, komunitate sendoak eraiki eta garatzeko gaitasuna da. Horregatik diot txosnaguneetako aldaketak ez direla hain dramatikoak.
"Gero eta gehiago dira ingelesa erabiltzen duten taldeak: sektore askotan euskara bermatutzat ematen da eta ez da hain modu premiazkoan bizi"
Feminismoak, espazio alternatiboetan behintzat, lehen ez zuen presentzia eta indarra hartu du. Horren islarik bada musikan? Aztertu duzu?
80ko hamarkadan, nahiz eta punkak queer teoriarekin-eta lotura izan eta baliabideak eman genero rolekin apurtzeko, ez zen horrelakorik gertatu. Gure punkiak oso matxiruloak eta heteronormatiboak izan ziren. Doctor Deseo izan daiteke garai hartako salbuespen bat. Emakumerik ez zegoen apenas, Las Vulpes, Belladona eta askoz gehiago ez. Geroztik ere, rock munduan oso eskasa izan da emakumeen presentzia eszenatokiaren gainean, eta zer esanik ez atzean, antolatzaile eta teknikari moduan. Musika elektronikoan eta rapean hasi dira emakume batzuk indarrez, Las Tea Party, La Basu… Baina gune alternatiboetan urte luzez estetika oso maskulino bat nagusitu da, eta sartu diren neskek askotan estetika horri jarraipena eman behar izan diote. Azken urteetan hasi da hori zaintzen programatzen denean. Batetik, emakumeen taldeak programatuz, eta bestetik estetika eta performance "matxito" horiek egiten dituzten taldeak kanpo utziz.
Hizkuntzarena da beste gai arantzatsu bat. 80ko hamarkadan ere bazeuden gaztelaniazko talde asko, baina gerora zigortu izan dira ingelesera edo gaztelaniara jotzeko joerak (Lin Ton Taun…). Gaur egun aldiz, asko dira ingelesa erabiltzen hasi diren bertako taldeak, eta joera horrek duen harrera ere aldatu da.
Bai, 80ko hamarkadan gaztelaniaz aritzen ziren talde asko zeuden. Hasiera batean ez ziren euskal taldeak bezala onartuak izan; "conjuntos modernos" bezala agertzen ziren Egin-en, adibidez. Baina mugimendua oso potentea zen, eta "Martxa eta borroka"tik aurrera egoera aldatu zen, eta onarpen horrek hurrengo belaunaldietan aldaketak bultzatu zituen. 90eko hamarkadan, ordea, euskara izan zen hizkuntza nagusia, eta horren inguruan konpromiso militantea egon zen, harrotasuna ere bai. Ondorioz, ingelesera edo gaztelaniara jotzeko joerak gaizki ikusita zeuden; hor daukagu Lin Ton Taun taldeak jasan zuen boikot kanpaina.
Gaur egun, egia da, gero eta gehiago dira ingelesa erabiltzen duten taldeak. Publikoaren aldetik ere harrera aldatu da. Musikariek estilo kontuak aipatzen dituzte askotan, eta konposatzeko erraztasuna, ingelesa monosilabikoagoa baita. Beste kontu batzuk ere badaude atzean. Alde batetik, nolabaiteko apurketa estetikoa, aurreko hamarkadetan egin den euskarazko rockarekin. Bestetik, beste fenomeno orokor bat ere badago, instituzionalizazioari lotua. Sektore askotan euskara bermatutzat ematen da, eta ez da hain modu premiazkoan bizi. | news |
argia-1d24dd03cea9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2557/graca-samo-emakumeen-mundu-martxako-koordinatzailea.html | "Emakume guztiok matxinatu behar dugu, ez batzuk bakarrik" | Danele Sarriugarte Mochales | 2017-06-11 00:00:00 | "Emakume guztiok matxinatu behar dugu, ez batzuk bakarrik"
Bada nazioarteko mugimendu bat, beren burua halakotzat jotzen duten herri guztiak onartzen dituena. Mugimendu bat, non maila berekoak baitira Quebec, Mozambike eta Kurdistan. Ibilian dabil gainera mugimendu hori, izenean bertan dakar: Emakumeen Mundu Martxa (EMM). Euskal Herrira etorri zen orain dela hilabete mugimenduaren nazioarteko idazkaritza koordinatzen duen Graça Samo, eta Bilgune Feministak maiatzaren 6an antolatu zituen topaketetan hitz egin genuen berarekin. Argi esan zigun: "Martxan jarraituko dugu, emakume guztiok aske izan arte".
Nola hasi zinen militantzia sozial eta politikoan?
Gazteagoa nintzenean, ikasleen mugimenduan hasi nintzen, eta ikasketak amaitu ostean, hainbat GKEtan aritu nintzen lanean: Mozambiken gerra zibilean geunden, beraz larrialdi-egoeretan jardun nintzen batez ere. Gero, Angolan ere ibili nintzen, gerra zibilean zeuden han ere. Ondoren, Brasilera joan nintzen ikasten jarraitzera, eta gizarte-lana egin nuen hainbat favelatan.
Eta militantzia feministan noiz hasi zinen?
2004an, Mozambikera itzuli eta orduantxe sartu nintzen emakumeen eskubideak eta genero gaiak lantzen zituen erakunde batean, Forum Mulher. Orduan ezagutu nituen gertutik emakumeen borrokak. Mozambiken, garai hartan, ez zegoen mugimendu feministarik bere horretan. Feminista akademikoak zeuden, baina zuriak ziren asko, eta zaila zen beren burua feministatzat jotzen zuen emakume mozambiketar arruntik topatzea.
Zer bide egin zenuen erakunde horretan?
Zuzendari aritu nintzen hamar urtez, eta nire helburua zen gauzak apurtxo bat aldatzea eta erakundea erradikalago bihurtzea. Enpresa ikasketak eginak nituenez, helburu konkretuak lortu nahi nituen. Adibidez, ni erakundean aritu bitartean, Mozambikeko politika publikoetan eragiten saiatu ginen, eta besteak beste, emakumeen aurkako etxe barruko indarkeriari buruzko lege bat eta abortu libre eta segurua eskaintzeko beste bat onar zitezela lortu genuen. 2013an eskaini zidaten EMMko nazioarteko idazkaritzara sartzea, eta urtebetez bi lanetan aritu nintzen, baina gehiegi zen, eta 2014an utzi nuen Forum Mulher, bete-betean EMMn jarduteko.
Zer egoeratan dago Mozambike gaur egun?
Amets batetik esnatu garela dirudi. Mozambikek 1975ean lortu zuen independentzia, eta gobernu sozialista ezarri zen, ia komunista. Koloniarenak izandako jabetza guztiak nazionalizatu ziren: etxeak, lurrak, enpresak eta abar. Gainera, baliabideak birbanatu ziren, hezkuntzarako sarbidea erraztu…
Urtebete beranduago, ordea, 1976an, gerra zibila hasi zen, eta 1992ra arte iraun zuen, pentsa. Sinetsirik geunden orduantxe hasiko zela benetako iraultza, hura zela gure herrialdea benetan garatzen hasteko garaia, baina armak utzi bezain pronto, merkataritza askeko akordioak etorri ziren, eta trantsizio automatiko bat hasi zen, neoliberalismora bidean. Jendearen bizitza hobetu beharrean, okerrera egin zuen, zeren, gerrak iraun bitartean, sozialismoak eraikitako horren gainean bizi izan ginen; orain, ordea…
Gure herrialdeko jende gehiena landa-eremuetan bizi da eta hain zuzen hara joaten dira enpresa multinazionalak; gune horietan bizi direnek informazio gutxi daukate, eta askoz zaurgarriago dira atzerriko enpresen aurrean.
Argazkia: Dani Blanco.
Multinazionalen etorrerak nola eragiten die emakumeei?
Merkataritza askeko akordioen ondorioz, emakumeek beren lurrak galdu dituzte, bai eta beren enpleguak ere; bestalde, lana edukita ere, oso kalitate baxukoa da beti, eskolatze-maila halakoa delako. Bestalde, emakumeen aurkako indarkeria handitu egin da. Eztabaida hori ateratzen da behin eta berriro, ea benetan hazi ote den indarkeria, edo ea komunikabideek gehiago aipatzen duten. Nire iritziz, benetan ari da handitzen.
Zer dela-eta?
Gobernua izugarri militarizatu da azken bizpahiru urtean, goitik behera armatu dira, eta mugimendu sozialek ezer antolatu nahi duten bakoitzean, baita maiatzaren lehenean ere, hantxe ateratzen dira tanke militarrak eta robocop gizonak… Beldurra eta segurtasunik eza dira nagusi. Gobernuak hori egiten badu arlo publikoan, zer gertatuko da ba arlo pribatuan? Indarkeria erreproduzitzen da. Indarkeriak alderik alde zeharkatzen du Mozambikeko gizartea.
Adibiderik?
Bai, hain justu ere, bi kasu guztiz izugarri gertatu ziren iaz. 2014ra arte agintean izan zen lehendakariaren alaba tiroz hil zuen haren senarrak, abenduaren 14an. Eta, hiru hilabete lehenago, Graça eta Samora Machel gure iraultzako buruzagi eta politikarien alabari sekulako jipoia eman zion bere bikotekideak, eta begi bat atera zion. Pentsa zer mezu jasotzen ote duten emakume arruntek, halako figura publikoei gauza horiek gertatzen bazaizkie.
Nola ari zarete antolatzen indarkeria gero eta handiago horren aurrean?
Bada, guretzat, EMM aukera itzela izan da, zeren ikuspegia aldatu dugu. Hasiera batean uste genuen indarkeria amaituko zela horren aurkako lege bat lortzen bagenuen, eta garai hartan, 2000ko hamarkadan, gure onenak eman genituen halako legeak lortzeko. Baina gero konturatu ginen ez zutela askorako balio; gainera, azkenean onartzen dituzten legeek ez dute zerikusirik geuk proposatu ditugunekin, mami guztia kentzen diote.
Beste alde batetik, abortuaren legearen kasuan, onartu da, bai, baina emakume asko hiltzen da oraindik abortu klandestinoen ondorioz, zeren abortatzen duten emakume eta neskatoak oso estigmatizatuta daude gizartean, eta ondorioz, ez dira erietxe publikoetara aise joaten. Beraz, orain, andreen kontzientzia eta boteretzea ari gara lantzen, uler dezaten indarkeria egiturazkoa dela, eta kulpabilizazioari aurre egin behar diotela.
Baduzue harremanik beste gizarte mugimenduekin?
Afrika da neoliberalismoaren erasoak bortitzen pairatzen ari den kontinentea, eta hala ere, Afrikan dira gizarte mugimenduak ahulen. Zergatik? Bada GKEen sukarrak Afrikari eraso ziolako bereziki. Egitura horrek eta nazioarteko finantza-mekanismoek zeharo suntsitu zituzten sare komunitario zaharrak, GKEen adarrek hartu zuten dena, eta modu oso kapitalistan antolatu. Afrika salbatuko dutela uste dute oraindik ere Europak eta AEBek, garapenaren diskurtso guztiz kolonialista hori darabilte, inbertsioak eta laguntza humanitarioa sustatuz, baina horrek ez dakar mendekotasuna eta zorra handitzea besterik.
"Afrika da neoliberalismoaren erasoak bortitzen pairatzen ari den kontinentea, eta hala ere, Afrikan dira gizarte mugimenduak ahulen. Zergatik? Bada GKEen sukarrak Afrikari eraso ziolako bereziki"
Hitza hartu duzu, Emakume abertzaleen topaketa feministetan, eta borroka anti-kolonialistaren garrantzia azpimarratu duzu.
Bai, garrantzitsua da hemen aipatzea. Hegoalde globaleko emakumeok gure ikuspegia lantzen ari gara, kontzientzia hartzen, baina zuek ere hausnartu behar duzue gaiaz, globalizazioa abiatu zen eta enpresa horiek guztiak datozen herrialdeetako jendeak berrikusi behar duzue ea zer-nolako harremanak ari zareten eraikitzen hegoaldearekin. Hel diezaiogun kontsumoari, adibidez. Nola sustatzen da hemen kontsumoa, nor ari da hemengo kontsumo merkearen prezioa ordaintzen? Mango gisako denda batean jaka bat 10 edo 20 euroan erosten duzuenean, zergatik da hain merkea? Bada hegoalde globaleko emakume batek ordaindu duelako prezio hori, esklabo batek bezala egin baitu lan, atsedenik eta lan-baldintza duinik gabe. Edo, bestela, nondik dator gure argia, gure energia elektrikoa? Ondotxo dakigu konpainia hidroelektrikoek, adibidez, komunitateak suntsitzen dituztela. Arazo horiei guztiei buruz hitz egin eta hausnartu behar dugu, denok matxinatu behar baikara, ez batzuk bakarrik.
Nola sortu zen Emakumeen Mundu Martxa?
Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista da, anti-patriarkala, anti-kapitalista eta anti-kolonialista. 1990eko hamarkadan abiatu zen. Quebec-eko emakumeen federazioak martxa bat antolatu zuen, pobrezia eta emakumeen aurkako indarkeria areagotu zirelako. Arrakasta handia bildu zuten, horregatik, nazioarteko deia egin zuten 1998an: herrialde askok erantzun zuten, eta 2000. urtean egin zen lehen ekintza globala. Garai hartan, neoliberalismoa eta pribatizazioa borrokatu nahi ziren, eragina baitzeukaten hegoalde globalean baina baita iparraldeko langile-klasearen gainean ere. 2000ko ekintza horren ondoren, mugimendua bildu egin zen, eta erabaki zuten borroka ezin zela eten, iraunkorra izan behar zuela.
Argazkia: Dani Blanco.
Zergatik?
Egitura eta sistema baten aurkako borroka zelako, eta egitura hori hainbat modutara agertzen delako, tokiaren arabera. Gainera, lehen ekintza horren ostean, emakumeek askotariko gauzak aldarrikatu eta proposatu zituzten, eta horiek lortzeko herrialdeetako politika publikoetan eta legeetan eragin behar zen, gauzak errotik eta modu iraunkorrean aldatzeko. Horretarako, emakumeek ikasten segi behar zuten, testuingurua behin eta berriro aztertzen, zapalkuntzak identifikatzeko eta horien aurka egiteko moduak lantzeko.
Oker ez banaiz, 2000. urteko ekintzaren ondorio da EMMren ikurretako bat.
Bai, orduantxe osatu genuen"Emakumeek gizateriari idatzitako gutuna". Emakumeek eskutitzak idatzi zizkieten beren gobernuei eta Nazio Batuei, tokian tokiko aldarrikapenen berri emanez eta aldaketak eskatuz, eta horiekin eraiki genuen gutun orokor hori.
Bestalde, 2005ean egin genuen gure bigarren ekintza globala, eta emakumeek ohazal bat josi zuten. Herri bakoitzak metro koadro bat ehundu zuen, nahi zuten teknika erabiliz. 30 herrik parte hartu zuten, eta beren oihal-pusketa osatu. Ondoren, beren puska hartu eta hurrengo herrira joan behar zuten, piezak elkarri josteko. Horixe da EMMren beste ikurra, elkartasunaren ohazala.
2010eko ekintzan, berriz, ez zineten herriz herri ibili.
Konturatuak ginen gerrak eta militarismoak sekulako eragina daukatela emakumeen bizitzan. Batetik, botere militarra dago, hori litzateke zantzurik garbiena, baina militarismoa bestelako moduetan ere sufritzen dugu emakumeok, instituzioen egitura hierarkikoen bitartez eta bestelako hierarkia batzuen bidez; esate baterako, beldurra sortzen digute, etxean gera gaitezen, geldi eta isilik, indarkeriari aurka egin gabe. Garaitsu hartan, Kongoko Errepublika Demokratikoa izendatu zuten emakumeak bizitzeko tokirik okerrena, sekulako indarkeria zegoelako eta indar militar eta paramilitarrek emakumeak bortxatzen zituztelako oso sarri. Beraz, Kibu hirian batu ginen 10.000 emakumetik gora, elkartasunean.
Orain bi urte egin zenuten azken ekintza, 2015ean.
Bai, orduko hartan, hauxe azpimarratu nahi genuen: emakumeok lurralde teorian independenteetan bizi arren, preso gauzkate egitura patriarkalak eta gobernuek inposatu diguten ekonomia-eredu kapitalista neoliberalak. Gainera, enpresa transnazionalak ari dira gure lurraldeak mendean hartzen, eta halako heziketa bat nagusitu da, zeinaren arabera kanpotik datorrena hobea baita, eta jendeak ez du bere burua den moduan onartzen, beti nahi dute hau ala bestea aldatu. Beraz, aldarrikatu genuen martxan jarraituko genuela harik eta gure gorputzak eta lurraldeak askatu arte, eta herri bakoitzak tokiko arazoei heldu zien, eta horiei aurre egiteko erresistentzia eta alternatibak landu ziren.
Nola uztartzen dituzue denak: etenik gabeko jarduna eta ekintza globalak, nazioarteko mugimendua eta tokian toki antolatzea...?
Tokiko taldeak daude EMMren oinarrian, guk koordinazio nazionalak deitzen diegu, eta haien ardura da beren lurraldeko kideak mobilizatzea eta behar adina aliantza jostea beren borrokak aurrera eramateko. Gero, koordinazio bakoitzak bi lagun hautatzen ditu, eta haiek nazioarteko batzordean hartzen dute parte. Batzordeak bi urtean behin egiten ditu nazioarteko topaketak, eta hortxe erabakitzen da EMMk zer ekintza antolatuko dituen. Topaketa horiek dira EMMren unerik politikoena. EMM osatzen duten herri guztietako ordezkariak bildu, bakoitzak bere agenda aurkeztu, eta osoko batzarrean zehazten dugu agenda komun bat. Hurrengo topaketa Euskal Herrian antolatzeko asmoz gabiltza. | news |
argia-778e6e31cea3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/erbestea.html | Arrasto partekatuak | Mikel Garcia Idiakez | 2017-09-10 00:00:00 | Arrasto partekatuak
1936ko gerratik ihesi Euskal Herria utzi behar izan zutenei galdetu diete batetik, eta gaur egun errefuxiatu direnei bestetik, erbesteratze prozesuak eragindako beldurrez, saminez, itxaropenez, emozioez... Batzuek eta besteek antzeko zauriak dituztela agerian geratu da "Memoria partekatuak" ikerketan.
"Ihes-bidaian semea galtzeko zorian izan nintzen une askotan. Gauetan ezin nuen lorik egin, egunsentian garrasi egiten nuen, amesgaiztoak nituen, hiltzen nindutela amesten nuen, erretzen nindutela, ibaian nengoela eta urak semea eramaten zuela" (Ashti Xani, Kurdistan; segurtasunagatik izena aldatu diogu); "inoiz ez dut ahaztuko irten nintzen eguna, nire ama eta alaba baino ez nituen buruan, ea berriz ikusiko ote nituen noizbait. Baina alaba laguntzea ere banuen buruan, nik txikitan sufritutakoa berak sufritu ez zezala, eta bere bizitza hobetuko zuen edozer egiteko prest nengoen" (Hady Traoré, Mali); "gurasoek gogoz kontra abiatu zuten erbesterako bidaia. Aitak atzean uzten zituen etxe familiarra, hiruzpalau belaunaldi, oso zaharra zegoen ama bat, jaioterria, euskara. Berarekin eramaten zuen dena, eta aldi berean dena uzten zuen" (Arantzazu Amezaga, erbestean jaioa). Testigantza ugari jaso dituzte CEAR-Euskadi erakundeko kideek, migrazio prozesuetako bizipen gordinak bildu eta ikusarazi asmoz. "Deserriratzea talka emozional itzela da edozeinentzat; bat-batean egun batean ihesi atera behar duzu, ezezaguna den horretara", dio proiektuaren koordinatzaile Beatriz de Lucasek.
Tristura, zatiketa, herrimina, izua, nekea, biolentzia, noraeza, erruduntasuna, mesfidantza, etorkizun hobe baten esperantza… dira garai bateko eta besteko errefuxiatu, desterratu eta migratzaileek errepikatzen dituzten sentimendu eta bizipenak. "Gizarte guztiz ezberdin batera iritsi nintzen; ez nekien hizkuntza, ez nuen inor ezagutzen", dio Xanik. Helmugan aurkitutakoa ere ez da sarri aurretik amestutakoa, eta handiak izan ohi dira talka kultural-sozial-linguistikoak, gizarte berriaren ezezagutza, lanerako eta aurrera egiteko trabak… "Inoiz ez nintzen haur izan, ezta nerabe ere. Txikitatik heldu izatea egokitu zitzaidan, bestela erbestean galdu egiten zarelako" (Arantzazu Amezaga); "gurasoek beti pentsatu zuten itzuliko zirela, eta inoiz ez ziren guztiz integratu. Guri ere guztiz eragin zigun horrek, ez hango ez hemengo" (Maitena Jauregi, Euskal Herria); "oso bakarrik sentitzen naiz batzuetan, hainbat eremutan oraindik ere estralurtarra banintz bezala begiratzen naute. Eta hor hasten gara, nahi ez badugu ere, ghettoak sortzen, gaitza delako jendeari erakustea gertatzen ari zaizun horretan sufrimendu zama izugarria dagoela" (Rosario Vásquez, Kolonbia).
Rosario Vásquez, errefuxiatua: "Hemen aukera izan dut ez inoren ama, ez arreba, ez alaba izateko. Horrek ez du esan nahi nireak maite ez ditudanik, hori guztia barneratzea ere zaila da"
"Inoiz ez naiz damutu"
Estigmak eta aurreiritzi sozialek diskriminatuta eta gutxietsita sentitu direnak ez dira gutxi. "Denbora guztian aritu behar duzu zein zaren frogatzen, zein den zure esperientzia, zein ekarpen egin dezakezun. Ulertzen saiatzen naiz; Lehen Munduko kide gisa eman dizuten hezkuntzarekin zerikusia duela pentsatzen dut, kolonizatzaile iruditegi horrekin. Asko kostatu zait harreman benetan horizontalak aurkitzea, jendeak uste du gauza asko erakutsi behar dizkidala, niri entzun gabe" (Rosario Vásquez). Migratzaile eta emakume izateak, gainera, zama bikoitza izaten du maiz. "Etxeko edo zaintza lanetarako bakarrik hartzen gaituzte, eta askotan sentitzen duzu lanean ari zarela jende batentzat intelektualki zuk baino gaitasun gutxiago duena, baina kanpokoa izateagatik begiratzen zaituena ikasketa gutxiago bazenitu bezala. Ez dugu nahi zaintzaile bezala bakarrik ikus gaitzaten, ate gehiago irekitzea baizik. Bestela, gure alabek diote: 'Zertarako ikasi eta karrera bat egin, azkenean zaintzaile izango bagara?'" (Fatma Galia, Sahara). Kontrapuntua, emakume gisa jatorrizko herrialdean baino askeago izateko ere balio izan diola hainbati bidaiak: "Hemen aukera izan dut ez inoren ama, ez arreba, ez alaba izateko; nire buruarentzat baino ez naiz jaikitzen goizetan. Eta normalean, emakumeok ez daukagu aukera hori bizitzan, ezartzen dizkiguten rolen arabera aritu behar dugu. Hori izan da irabazirik handiena, eta arraroa da, ez nuelako ez bilatzen, ez eskatzen. Horrek ez du esan nahi nireak maite ez ditudanik, hori guztia barneratzea ere zaila da" (Rosario Vásquez).
Beatriz de Lucas, CEAR-Euskadi: "Elkarrizketatu guztiengan itxaropena antzeman dugu, euren bizitzak hobetzeko itxaropena, etxera itzuli eta maite duten jendearekin elkartzeko itxaropena"
Dena ez da min eta atsekabe bizileku berrian. "Inoiz ez naiz damutu; jaioterritik alde egin nuen han ez nuelako etorkizunik. Malin ez daukat etorkizunik, eta hemen badakit borrokan jarraitu dezakedala" (Hady Traoré). Aurrera egin ahal izateko, gako ugari nabarmendu dituzte elkarrizketatuek: espiritualitatea, jatorrizko identitatea mantentzen laguntzen dieten elkarguneak (euskal etxeak sarri aipatzen dituzte 1937an erbesteratuek), gizarte berrira integratzeko ahaleginak (hizkuntza adibidez), urruti izan arren babes izaten jarraitzen duten senideak, sare antolatuak… "Elkarte feministak besarkatu egin nau uneoro, zutik jarraitzen eta nire bizitza duintzen lagundu didate. Pertsonalki hazteko baliabideak eman dizkidate, egonkortasuna. Beste mundu bat posible den ideia eraikitzen dut beraiekin, bizitza eraikitzen dut, borroka" (Amparo Pimiento, Kolonbia).
Testuinguru berrira hobeto egokitzeko eta elkarbizitza errazteko, gizartean jatorrizko herrialdeetako egoera ezagutaraztea eta ulertaraztea beharrezkoa dela iritzi diote migratzaileek, aitorpen soziala lortzea, errefuxiatu estatusaren onarpen juridikoa prozesu azkar eta garden baten bidez eskuratzea, eta migrazio politika egokiak bideratzea, behingoz.
"Ez dugu ezer ikasi"
Garbi du Beatriz de Lucasek: "Duela urteak hemendik ihesi joan zirenen esperientziatik ez dugu ezer ikasi. Are gehiago, badirudi ahaztu egin dugula herri gisa bizi izan dugun esperientzia hori, eta horretatik ikasi beharrean eta atzerrian hobeto bizitzen zerk lagundu zigun ikusi beharrean guk ere antzeko bortizkeriatik ihesi datozenei harrera humanoagoa egin ahal izateko, kontrakoa ari gara egiten. Jende gutxi eta gaizki ari gara hartzen. Ez naiz gizarteaz ari, baina jendearen solidaritateaz harago, instituzioek ez dute nazioarteko araudia betetzen eta gizarteak ulertu behar du ez dela karitate kontua, justizia eta eskubide kontua baizik. Ihesean eta asilo bila datozenek horretarako eskubidea dute".
Hala ere, elkarrizketatuen artean esperantza ala etsipen gehiago ikusi ote duten galdetuta, itxaropena azpimarratu nahi izan du De Lucasek: "Ez dute euren burua egoera bidegabe baten biktima gisa bakarrik ikusten, situazio mingarri horri aurre egiteko gai diren pertsonak ere badira. Eta elkarrizketatu ditugun lagun guztiengan, erbesteratu eta errefuxiatuengan, itxaropena antzeman dugu, euren bizitzak hobetzeko itxaropena, jatorrizko herrialdeetako egoera aldatzekoa, etxera itzuli eta maite duten jendearekin elkartzeko itxaropena". | news |
argia-3cbf6268a896 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/ergela-irakurriko-duena.html | Ergela irakurriko duena | Mikel Asurmendi | 2017-09-10 00:00:00 | Ergela irakurriko duena
Oporraldiko azken egunen atzerako kontaketa egitea eskatu zidan buruak nonbait, hartara, ARGIAko egutegiari orri berri bat kendu nion agorrileko hamazazpian. Buruketa hau egitea proposatzen zuen: "Euskal Herriko Lurralde osoa hartzen duen administrazioari nola deitzen zaio?".
Oporretan izanik ere, smartphonen txio malapartatu batek hondartzara joatera behartu ninduen. "Hau malura! Udan, Hendaian eta autoa hartu behar". Ustekabeko txioak egutegiko galdera-erantzunaren peskizan hausnartzea galarazi zidan une batez.
Bidez bide, auto-ilaran, irratia piztu nuen. Kataluniatik zetorren albistea. "2017ko agorrilaren 17, jihadismoaren egutegi unibertsaleko beste egun bat izanen da, beltzez seinalatua" pentsatu nuen artega. Hendaiako Itsas Bulebarra Bartzelonako Rambla begitandu zitzaidan.
17 osteguna. Autoaren aginte-mahaian neraman orria. Panorama honetan estreinakoz idatziko nuenaz itaundu zidan buruak: "Kataluniaz idatziko al duzu? Euskal Herriaz? Euskal Herriko Lurralde osoko administrazioaz?". Halakorik ba ote? Katalunian bai, baina gurean?
Ipar Euskal Herriari berezko instituzioa ekarriko omen dion Euskal Elkargoaz buruketa-n hasia nuen ordurako, Iparraldetik hasi ere. Hendaia Iparraldean kokatzea gero eta zailagoa dela jakinda ere: "Euskal Elkargoa ukazio baten ondorengo emaitza da. Ez da Batera plataformaren Lurralde Elkargoa aldarrikapena. Batzuek 'nahi genuena lortu dugu' erran dute, beste batzuek, aldiz, 'ez, ez dugu lortu nahi genuena'. 2020ko herri bozetan sendotu beharko da proiektua, hots, instituzio horretako batzarra herritarrek zuzenean edota sufragio unibertsalez aukeratzean. Lurraldea definitzea, hor dago koska . Horrela egin ezean, jai dauka Iparraldeak".
Autoa aparkatu eta egutegiko buruketaren erantzuna begiratu nuen. "Deitu, nahi den bezala deitzen ahal zaio, baina halakorik ez da oraindik existitzen". Une berean, mutiko-neska nerabe bi albo-alboko paretan idazten ari ziren, ene harridurarako, smartphoneak beharrean errotulagailuak zeramatzaten eskuetan.
Kuriositateak idatzia irakurtzera hurreratu ninduen: " Tonto el que lo lea ". | news |
argia-1a849bce850c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/atsedenen-ondorioez.html | Atsedenen ondorioez | Irati Elorrieta | 2017-09-10 00:00:00 | Atsedenen ondorioez
Auzokoekin harreman ona dugunez, etxeko giltza uzten diegu oporretan goazenean. Horrela, beren udako bisitek gurean ostatu har dezakete. Oporretatik bueltan, hozkailuan gutxieneko jakiak eta, sukaldeko mahai gainean, kanpoan izan garen bitartean etxera heldu zaizkigun astekariak aurkitzen ditugu txukun-txukun pilaturik. Paper-sorta mardul hori gainbegiratu behar izaten dut eguneroko martxa hartu baino lehen. Erritu bihurtutako ohitura zentzugabe bat da. Ez naiz gai etxera heldu eta hurrengo egunean, etenaldirik izan ez balitz bezala, bizitzarekin jarraitzeko. Beste lekuan (jaioterrian) izan naizen bitartean galdu dudan Berlingo denbora berreskuratzeko modua dira astekarien paperetan inprimaturik dauden hitzak. Niretzat existitu ez den denbora-espazio baterako giltzatxoak dira.
Gutxienekoa da eguneroko gaien haria jarraitu nahi izatea; beste guztia izaten da gehien interesatzen zaidana. Esaterako, zutabe batean irakurri dut atseden hartzea komeni zaiola nobela bat idazten dagoenari eta, tarte horretan, berak idatzitakoa ez den zerbait irakurri beharko lukeela. Horixe da, hain zuzen ere, udan egin dudana. Zutabegileak dio kontuz ibili behar duela nobela idazten dagoenak, irakurtzeko aukeratzen duen autoreak bere lanean eragina izango duelako atsedenaren ondoren. Arrazoi du, noski, idazten ari den horri begiratzeko toki berri bat finkatuko baitu agian irakurketak. Akaso, dena zalantzan jarraraziko dio. Beste behin ere!
Zutabegileak Karl Ove Knausgard hartu zuen esku artean bere atsedenaldirako; nik beste norvegiarrarekin hasi nuen uda, Tomas Espedalekin. Fikziora jo gabe idazten dute biek, baina biak irakurri dituztenek aho batez diotenez, zein baino zein ezberdinago kontatzen dute kontatzekoa. Espedalen idazteko moduarekin maiteminduz hasi nuen uda. Poetikoa du prosa, askea, gardena. Gutxitan suertatzen da norbaiten idazkerarekin maitemintzea, eta merezi du sentimendu horrekin gozatzea. Zeharo esperientzia atsegingarria da, intimoa, sakona. Maitemindu gaituen pertsona batekin gertatzen den bezala, adikzioaren antza duen gehiago nahi izate bat, gehiago behar izate bat eragiten du. Beraz, Espedal bat irakurri eta gero, atoan beste bat erosteko premiari erantzun behar izan nion. Zinemara joateko geratuta nengoen eta, eskerrak, harako bidean, hirugarren liburu dendan aurkitu nuen: tapa bigundun ale merkea.
Idazketatik hartu dudan atsedena luze xamarra izanik, irakurketa gehiagorako astia izan dut. Paul Austerren azkena sartu nuen maletan, irakurgailu elektronikoan. Archie Fergusonen biografiaren lau bertsio kontatzen ditu Austerrek. Bizitza bat harantz edo honantz birarazten duten inflexio-puntuen taula gainean jokatzen du. Gertaera batzuk dramatikoak dira; batez ere heriotzak, dela gerragatik, dela istripuren batengatik. Erabaki, lorpen, porrot gehienak, hain dira xumeak, ezen oharkabean baitoazen. Mota bateko eta bestekoen bizipenen artean dagoen muga ez da beti argia. Denak dira fikziorako abiapuntu, material.
Egunerokoari berriz heldu ahal izateko nire trikimailuekin ari naizela, bururatzen zait, Espedalek, dena hankaz gora jarri behar gabe, nire nobelaren idazketan eragina izango ote duen. Ez legoke gaizki. Eta hala balitz, norena litzateke lorpena, berea ala nirea? Literaturaren labirintoan Knausgarden atea ireki izan banu Espedalena ireki ordez? Atseden hartzean ere, burua ez baitago itzalita, baina lana ez den aktibitateetan galdu behar du lantzean behin. | news |
argia-4674ea8de6cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/maialen-urbieta-eleaniztasuna-eta-hezkuntza-masterra-egin-du.html | "Sorpresa izan da gaztelaniazko testuetan etxetik euskaldun direnek erdaldun direnek baino nota hobeak ateratzea" | Onintza Irureta Azkune | 2017-09-10 00:00:00 | "Sorpresa izan da gaztelaniazko testuetan etxetik euskaldun direnek erdaldun direnek baino nota hobeak ateratzea"
AEBetan bi umeren zaintzaile zela piztu zitzaion bonbilla. Ingelesez, gaztelaniaz eta keinu hizkuntzan aritu behar zuen haiekin, gurasoek hala eskatuta. Haurren bilakaera ikusita, ikasketak horra bideratzea erabaki zuen. EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterra eta A study of multilingual writing (idazketa eleanitzen ikerketa) ikerlana egin ditu. Bizkaiko eskola batean egindako ikerlan hori kontatzeko eskatu diogu.
Maialen Urbietak Irakasle-ikasketak egin zituen EHUn, ingelesa irakasteko Haur Hezkuntza graduondoa egina du eta euskara irakasteko Lehen Hezkuntza graduondoa ari da egiten. Getariarraren berri sari baten bidez izan dugu. Compostela Unibertsitate Taldeak emandako saria lortu du, masterreko ikerlana hiru minututan bideoz kontatuta.
Ikerlanaz galdetuko dizugu, baina lehenago konta ezazu AEBetako esperientzia.
Haurrak zaintzera joan nintzen familia batera. Bereziki bi hilabeteko haurra zaindu behar nuen. Hari denbora guztian gaztelaniaz egitea nahi zuten gurasoek eta 4 urteko ahizpa eskolatik etortzen zenean ingelesez. Horiez gain keinu hizkuntza erabili behar nuen txikiarekin.
Helduentzat ezagutzen dugun keinu hizkuntza?
American Baby Sign Language deitzen diote. Eskuko telefonoetarako aplikazioak daude eta horietan begiratzen nuen: "esnea" horrela [keinua egin du], "ama" horrela, "aita" horrela. Umeak urtebete baino lehen pardela aldatzeko eskatzen zidan. Komunikatzeko era oso ona zen. Gaztelania eta ingelesa beranduago etorri ziren, baina keinuak azkar ikasi zituen. 8 hilabeterekin esnea eskatzen zuen, "gehiago nahi dut", "lotara joan nahi dut", "aldatu pardela"... keinuak egiten zekien. Keinu bidez azkar hasteak frustrazioa gutxitzen du. Bere betebeharrak lehenago daude aseta. Haurrak ia inoiz ez zuen negarrik egiten, eskatu egiten zuen eta nik ederki ulertzen nion.
Ahizpa nagusiak gurasoekin ingelesez egiten zuen eta 6 hilabete zituenetik gaztelaniaz egiten zuen eskolara eramaten zuten. Bi umeek hainbat hizkuntzatan moldatzeko zein gaitasun zuten ikusi nuen.
Eta bonbilla piztu zitzaizun.
Pentsatu nuen, "ostras, hau ederra da, nik honetaz gehiago ikasi nahi dut!". Orduan, Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterrak arreta eman zidan.
Masterreko ikerlana zertaz egin zenuen?
Mikel Goikoetxea eta biok egin dugu lana, Durk Gorter [EHUko ikerlaria, eleaniztasuna hezkuntzan aditua] buru dugula. Gorterrek egindako material bilketa baliatu dugu. D ereduan irakasten duen Bizkaiko eskola bateko 114 ikaslek euskaraz eta gaztelaniaz egindako idazlanak aztertu ditugu. 10, 11 eta 12 urte dituzte. Haur horietako batzuk etxetik euskaldunak dira eta etxetik kanpo gaztelania arnasten dute, herrian gaztelania nagusi baita. Beste batzuek etxetik gaztelania dakarte eta euskararen berri ikastetxean izan dute. Badira etxean beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituztenak ere. Haien idazlanetan hainbat gauza aztertu eta puntuatu ditugu: testuaren antolaketa, edukia, ortografia, gramatika, hizkuntza erabilera (aditz sinpleak darabiltzaten ala konposatuak...).
Ikerlanaren helburua zein zen, hipotesiren bat frogatzea?
Eleaniztasun goiztiarra onuragarria dela dioten teoria asko daude. Gure helburua hori frogatzea zen. Emaitza halakoa izan da: eleaniztasun goiztiarra positiboa da. Hau da, jaiotzetik etxean euskaraz egin duten haurrek, eta era berean kalean gaztelaniaz ari direnek, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz idatzitako idazlanetan izugarrizko aldea atera diete etxean jaiotzetik gaztelaniaz egin eta bigarren hizkuntza, euskara, geroago ezagutu dutenei.
"Eleaniztasun goiztiarra onuragarria dela dioten teoria asko daude. Gure helburua hori frogatzea zen"
Beraz, ikerketako jomuga elebidun goiztiarrak zenituzten, kasu honetan, jaiotzetik etxean euskara eta kalean gaztelania arnastu dutenak.
Haur elebidun goiztiar horiek nolabaiteko onurarik duten jakin nahi genuen. Euskarazko idazlanak hobeto egitea espero genuen, baina sekulako sorpresa izan da gaztelaniazko testuetan etxetik gaztelaniaz datozen haurrek baino nota hobeak ateratzea.
Gaztelaniaz idatzitakoetan?
Bai, hori da harritzekoa. Elebidun goiztiarra izatea positiboa da, baina zein mailataraino? Ikerlanaren arabera, emaitza horiek lortzeraino.
Zer esan nahi duzu esaldi honekin? "Pertsona eleaniztunek onurak dituzte maila kognitiboan, ez azterketa emaitzetan bakarrik".
Gauza bat da ikerlanean ikasleek zein nota atera duten idazlan bakoitzean eta beste gauza bat da haur horiek estrategiak garatzen dituztela hizkuntza batean ikasitako gauzak beste hizkuntzara pasatzeko.
Lehiaketarako prestatutako bideo grabazioan diozu eskolan hizkuntza bakoitzeko irakasle bat eta ikastordu bat formula, agian ez dela egokiena.
Ikerketan, batetik, etxetik euskaraz datozenek hala ez datozenekiko duten aldeaz aritu gara, eta bestetik, haur beraren bi idazlanak alderatu ditugu. Ikusi dugu nola euskarazkoa paragrafoetan idazten bazuen gaztelaniazkoa paragrafoetan idazten zuen, eta euskarazkoari izenburua jartzen bazion gaztelaniazkoari ere bai... Jakintza hizkuntza batetik bestera pasa daiteke. Beraz, ez dauka zentzurik euskarako irakasleak idazten irakastea, gaztelaniakoak gauza bera egitea, eta ingelesekoak ere bai.
Kanadako esperientzien berri izan duzu.
Han hizkuntzen ikasgaia daukate, agian hiru ordukoa da eta hizkuntzak lantzen dituzte. Horren arabera, ez litzateke egongo euskara ikasgaia, gaztelania ikasgaia eta ingelesa ikasgaia. Kanadako moldeari zentzua ikusten diot, nahiz eta ikerketan molde horren onuragarritasuna frogatu ez dudan. Hemen hizkuntza irakasleek elkarren artean hitz egiten dute, baina hizkuntzen ikasgairik ez dago.
Arrisku bat ikusten diot Kanadako sistemari. Han ikasle bakoitzak nahi duen hizkuntza lantzen du. Agian, Getarian ez duzu arazorik izango, euskarak galerarik izango ez duelakoan, baina Bilbon? Oso neurtuta egin beharko litzateke, ez nuke edozein tokitan arin-arin jarriko. Euskara hizkuntza gutxitua da eta gaztelania gailendua. Ez nuke nahi eleaniztasunaren alde egiteagatik euskararen kontra egitea.
Maialen Urbieta irailean Hungariara joatekoa zen, han izango baita Compostela Unibertsitate Taldeak antolatutako lehiaketaren sari banaketa. Ez da joango, Udako Euskal Unibertsitateak hainbat hilabeterako lana eskaini baitio Ulibarri programan. Pena eman dio saria jasotzera ezin joanak, baina badaki eleaniztasunaz ikasten jarraitzeko aukera paregabea duela orain UEUko lanean. | news |
argia-318d39eb1977 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/islamofobia.html | Islamofobia | Miren Artetxe Sarasola | 2017-09-10 00:00:00 | Islamofobia
Kalifa-herria. Gerra santua. Antisionismoa. Nazio Batuak. Suniak. Xiiak. Burka. Xaria. Nakbah. Niqaba. Hijaba. Jihada.
Ez zergatik , ez zertarako ez dira galdera interesgarriak. Ezezagun bezain hutsal zaizkigu, mehatxatzen gaituen horren des-arrazoiak. Zentzugabekeriak ez du, definizioz, zentzurik. Ez eta, beraz, zentzuzko definiziorik ere.
Estatu islamiarra. Yihadistak. Daesh. Isis. Terroristak. Islamista erradikalak. Erradikal islamistak. Moha. Youssef. Omar. Said. Musulmanak. Arabiarrak. Guantanamo. Abu ghraib.
Zilegitasun gehiagoz erka ditzakegu orain erlijioa eta ideologia, inklusioa eta integrazioa, prebentzioa eta estigma, edo ziurtasuna eta kontrola. Zabal ditzagun zuzentasun politikoaren mugak. Hitz egin dezagun aske.
Ripoll. Hejira. Henna. Halala. Saint Denis. Teheran. Kabul. Kerbala. Alepo. Mosul. Youtube. Ramadana. Darija. Imama. Islama. Zona grisa.
Eta kalean (edo eskolan, edo lantokian) arabiar, musulman, edo antzekoren batekin topo egitean, akaso, ezpainak tenkatuko zaizkigu; edo ezikusiarena egingo dugu; edo irribarre urduri bat aterako zaigu. Gure buruei galdetu ere egin gabe, ziur aski, ez ote den horixe bera gatazka honetan gugandik ustiatu nahi duten erregaia. | news |
argia-3c53d05daeeb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/irati-salsamendi-lozano-jantzigintza-ikaslea.html | "Elite batek kontrolatzen ditu moda-gustuak" | Ainhoa Mariezkurrena Etxabe | 2017-09-10 00:00:00 | "Elite batek kontrolatzen ditu moda-gustuak"
Jantziek eta janzkerak gauza asko erakusten dute norberaz. Nolakoak gara, ordea, guztiok berdin janzten garenean? Irati Salsamendi Lozanok erantzun dio galderari, Jantzigintza eta Patroigintza ikasten ari den donostiarrak. Moda, manipulazioa eta interesak aipatu ditu, besteren artean.
"Sistema oso batek egiten ditu modak eta gustuak", dio Salsamendik: "Modaren alde sinbolikoa, tendentziak, kanon estetikoak eta kontsumoa, patriarkatuaren eta kapitalismoaren tresna boteretsua dira, interes batzuen baitan sortuak. Osagaion baturak sistema hegemonikoaren ordena mantentzeko tresna perfektua sortzen du".
Bartzelonan ari da Jantzigintza eta Patroigintza ikasketak egiten. Bere hitzetan, kontzientziarik ez duen ikasleak betiko ikuspuntu eta ereduak landuko ditu eta ondoren merkaturatu: "Ikasle batek ez baditu bere kabuz arauak hautsi eta zalantzan jartzen, modaren sektoreak berezkoak dituen balore sexista eta kapitalistak errepikatuko ditu". Ehungintza eta modaren industria kontsumitzaileen gustuak manipulatzera iritsi daitekeela dio. Hala, tendentzia batzuk jarraitu eta leku bertsuetan kontsumitzeak gustu berdinak izatera bideratzen gaitu: "Merkatuak inposatzen eta erabakitzen dituen moda-gustuek agintzen dute jendartean; elite batek kontrolatzen ditu gustu horiek".
Gorputz jakin batzuentzako arropak
Estiloez gain, zerk eta nork bilakatzen du janztea eta janzkera interesgarri? Esaterako, modaren eta ehungintzaren merkatua nagusiki emakumeei bideraturik dagoela esan digu Salsamendik: "Ez behar handiagoa dugulako, baizik eta gure berezko interesa dela sinetsarazi digutelako". Emakumeen interesak desbideratu eta kontrolpean izateko trikimailutzat du.
Emakumeok txikitatik presio estetikoa jasaten dugu. Desiragarriak izateko jaiotzen garela eta edertasun kanon batzuen menpekoak garela zabaltzen dute publizitate kanpainek. Idatzi gabeko arauek erabakitzen dute nor den desiragarria eta onartua, eta nor ez. Mezu hori arroparen bitartez ere zabaltzen dela dio donostiarrak. "Badira neurri handiko jantziak ekoizten dituzten enpresak, baina ez kezkatu, publizitatean argi utziko dute arauetatik kanpo gelditzen diren pertsonentzako arropa dela".
Bestalde, ehungintzaren industrian ekoizleak nagusiki emakumeak diren arren, egoera prekarioan egiten dute lan: "Aitortza publikoa duten postuak maskulinizatuta daude, eta ikusezin eta prekarioak direnak feminizatuta".
Horretaz guztiaz jabetuta, ehungintzan bide berriak zabaltzeko gogoz da Salsamendi. "Soberan prestatuta gaude nahi duguna ekoizteko". Betiko ehungintza eredua eta enpresak burutik kendu eta bestetako alternatibak badaudela azpimarratu digu; jantzigintza eszenikoa, esaterako. "Antzerki konpainia batean egon naiz lanean, txotxongilo obra baterako jantziak egiten eta oso arlo interesgarria iruditu zait, bai sorkuntzaren aldetik, baita ikuspegi politikotik ere", diosku.
>>> Gaiaz gehiago jakiteko, ARGIAren 2560. zenbakian plazaratu genuen erreportajea irakurri dezakezue: Moda jasangarria. Etiketak moztu, etikak josi . | news |
argia-977f7ed53bb2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2565/heldu-eta-usteldu-horra-koska.html | Heldu eta usteldu, horra koska! | Jakoba Errekondo | 2017-09-10 00:00:00 | Heldu eta usteldu, horra koska!
Klimaterikoak diren fruituek landaretik askatu eta bildu eta gero ere heltzen, umotzen, ontzen, zoritzen, alegorritzen jarraitzen dute. Fruitu horiek erabat heldu gabe bil daitezke; ondoren, azkarxeago edo mantsoxeago, helduko dira. Ez klimaterikoak direnak, landaretik bildu eta gero ez dira gehiago helduko, asko jota kolorea aldatuko dute, baina ahosabairako ez dira onduko. Horra koska! Izan ere klimaterikoa grekoko klimater-etik dator, "koska", hurrengo koska edo maila, alegia.
Klimaterikoek arazo handia dakarte: kontserbatzeko zailtasuna, heltzen jarraitzeko tematze horregatik. Heltze hori fruituak berak sortzen duen gas batek eragiten du, etilenoak. Gas hori fruituen ingurutik kentzea komeni da, konturatzerako denak heldu eta usteltzeko bidea hartzea nahi ez bada. Fruitu horiei luze eusteko, aireberritzen den tokian jarri. Klimaterikoak dira: sagarra ( Malus x domestica ), arana ( Prunus domestica ), ahuakatea ( Persea gratissima ), banana ( Musa spp. ), meloia ( Cucumis melo ), angurria ( Citrullus lanatus var. lanatus ), udarea ( Pyrus communis ), tomatea ( Lycopersicon esculentum ), mertxika ( Prunus persica ), irasagarra ( Cydonia oblonga ), kakia ( Dyospiros caqui ), ahabia ( Vaccinium myrtillus ), pikoa ( Ficus carica ), kiwia ( Actinidia deliciosa ), abrikota ( Prunus armeniaca ) eta abar.
Ez klimaterikoak diren fruituek ere badute alde txarra: heldu arte landarean izan behar. Behar bezala heldu aurretik fruituari landarea kentzen bazaio, bere horretan geratuko da, eta ondu gabe usteltzera joko du. Ez klimaterikoak dira: masusta ( Rubus fruticosus ), laranja ( Citrus sinensis ), mandarina ( Citrus reticulata ), gerezia ( Prunus cerasus ), anana ( Ananas comosus ), limoia ( Citrus limon ), mahatsa ( Vitis vinifera ), marrubia ( Fragaria x ananassa ), oliba ( Olea europaea ), mingrana ( Punica granatum ), mizpira ( Mespilus germanica ), mizpira japoniarra ( Eryobotria japonica ), mugurdia ( Rubus idaeus ), piperra ( Capsicum annuum ), luzokerra ( Cucumis sativus ), arabisagarra ( Citrus paradisii ), kuiak ( Cucurbita spp. ), kuiatxoa ( Cucurbita pepo ), alberjinia ( Solanum melongena ) eta abar. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.