id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-9f96665ac5b4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/itsas-hegemonia-ipurdian.html | Itsas hegemonia ipurdian | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-10-22 00:00:00 | Itsas hegemonia ipurdian
Salamina uhartea (Grezia), K.a. 480. Jerjes buru zuen Persiar Inperioko itsas armada Greziako hiri-estatuetako flotaren aurka borrokatu zen. Greziarrek irabazi zuten gudua eta itsas hegemonia haiena izango zen K.a. V. mende osoan, guduan erabilitako trirremei esker.
Trirremeak jatorri joniarreko gerraontziak ziren. Guduetan zuten eraginkortasunari esker, Mediterraneoko gerraontzi nagusiak izan ziren K.a. VI. mendetik K.o. IV. mendera bitartean.
35 metro inguru luze ziren, eta lauren bat metro zabal. Oihal bat edo bi izaten zituzten –garaiaren arabera– eta arraunlariak altuera desberdineko hiru lerrotan jarduten zuten. Nabigatzeko nagusiki oihalak erabiltzen zituzten, hau da, haizearen indarra. Arraunlarien indarra, aldiz, guduetarako baliatzen zuten bereziki.
Trirremeetako eskifaia kapitainak, dozena bat marinel eta ofizialek, beste dozena bat soldadu eta arkularik eta 170 arraunlarik osatzen zuten. Arraunlariak gizon libreak izan ohi ziren eta soldata nahiko ona eta entrenamendu berezia jaso ohi zituzten, erritmo egokian jardun ahal izateko. Goiko lerroan aritzen ziren arraunlariei gehiago ordaintzen zieten, arraunek urarekiko zuten angelu makurrak ahalegin handiagoa egitera behartzen baitzituen.
Greziar arduradun militarrek gorputzez gorputzeko borrokak alde batera utzi zituzten itsasoan, eta etsaien ontziak jo eta hondoratzea zuten helburu nagusi. Horregatik zeuzkaten hain soldadu gutxi eta ontzia erraz maniobratzeko hainbeste arraunlari. Gainera, arerioen ontziak suntsitzeko, trirremeei brontzezko edo burdinazko muturrak eransten zizkieten brankan, flotazio-marratik behera. Baina persiarrek ere bazituzten muturdun trirremeak. Orduan, teknologia bera izanda, nolatan nagusitu ziren greziarrak Salaminan eta Mediterraneo osoan?
Arraunlariek ipurdi azpian zeukaten erantzuna: hyperesion izeneko kuxin edo zapia. Badirudi kuxina Temistoklesek (K.a. 525-460) asmatu zuela, Salaminako guduaren estrategia prestatu zuen jeneralak berak. Animalia-larruz eginak zeuden eta koipez estaltzen zituzten, arraunlariak, eserlekuetan finko egon ordez, aurrera eta atzera mugi zitezen, egungo banku mugikorreko ontzietan egin ohi duten antzera. Mugimendu horri esker, ahalegin berdintsua eginez, arraunaren bidea luzatu egiten da eta, hala, palada bakoitzaren eraginkortasuna handitu. Ondorioz, arerioek baino azkarrago nabiga zezaketen eta, are garrantzitsuagoa dena, bat-batean biratzeko gai ziren, ontziak albotik eraso eta trabeska jotzeko. | news |
argia-14777b7580a6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/erreferendumaren-espiritua-defentsarik-onena.html | Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena | Xabier Letona | 2017-10-22 00:00:00 | Erreferendumaren espiritua, defentsarik onena
Badirudi oraindik edozer interpreta daitekeela lerro hauek idazten diren urriaren 16 goizean: independentzia aldarrikatuta dagoela edo ez, eta 155. artikulua indarrean dela jada, baina ez. Era batera zein bestera, Kataluniako independentismoak Errepublika defendatzeko prestatzen jarraitzen du. Nola egin eraginkorren, ordea?
Urriaren 1ean Katalunian egindako erreferenduma bertatik bertara bizi izan genuenok altxor oso preziatuarekin itzuli ginen gure etxeetara: burmuinak esaten zigun historia liburuetan irakurtzen diren iraultza horietako bat lehen lerroan ikusi genuela; bihotzak berresten zuen burmuinak esandakoa, barnean sentitzen genuena lurrikara emozional baten gisakoa izan baitzen, egunetan gurekin eraman duguna gure etxeetara, lagun artera, lanera eta, ez gutxitan, baita gure ametsetara ere. Erreferendumaren sindromearekin itzuli ginen, ikusi eta sentitu genuenak bahituta.
Gutako askok hala bizi izan bagenuen gertatutakoa, zer sentituko zuten iraultza haren benetako protagonistek? Harrotasunaz eta poztasunez gain, sekulako indarra. Eurak ziren iraultza haren subjektu eta, gainera, irabazle atera ziren: bototan, zilegitasunean eta kontakizunean.
"Ez duzue egingo" milaka aldiz entzun eta irakurri ondoren –tertulietan mespretxu eta txantxa doinuz egindako iruzkinetik hasi eta Mariano Rajoyren mehatxu doinu krudeleneraino–, katalan independentismoak erreferenduma egin zuen, hiru zutoinetan sostengatuta: bat, proiektu independentista argi bat izatea; bi, herriaren indarra, herritar eta instituzioen arteko antolaketa eta erresistentzia baketsuan gauzatua; hiru, tresna demokratiko argi eta garbi bat erabili izana, erreferenduma bera.
Urriak 10
Urriaren 1a horrela sentituta bakarrik uler liteke Kataluniako mugimendu independentistak urriaren 10eko arratsaldeko 19:30ean Legebiltzarreko atean jasotako baldekada ur hotza. Aurreko bederatzi egunetan gertatutako guztiak halako egoera nahasi baten ateak zabal zitezkeela adierazten zuen, baina independentziaren aldarrikapena defendatzera joandako inork ez zuen pentsatuko horrenbestekoa izango zenik.
Kontua urriaren 2tik hasi zen egosten ordea. Urriaren 1aren ondoren, kontaketa elektronikoaren emaitzak ofizialki ontzat eman zitezkeen astelehenean edo asteartean bertan, eta handik bi egunera –Erreferendumaren Legeak agintzen zuen gutxienekoa–, ostegun edo ostiralean, independentzia aldarrikatu. Baina ez zen egin, nazioarteko esparru zabaletan, batez ere Europan, Espainiaren errepresioak gainbeheran jartzen zuen bere irudia eta erresistentzia baketsuak gorantz zeraman Kataluniarena.
Astelehena erabaki zen Independentzia aldarrikapenerako eta, Erreferenduma eta Trantsizio legeak aitzakiatzat hartuta, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen osoko bilkura. Bere eskumenak baliatuta, hurrengo egunerako bere agerpena eskatu zuen Carles Puigdemont presidenteak, bere kapelutik beste untxi bat aterata.
Nahasmena nagusi
Baina untxirik handiena Legebiltzarrean atera zuen urriaren 10eko arratsaldean. Katalunia independentzia aldarrikatzeko prest esnatu zen eta Bartzelonako kaleetan ikusmina ukitu egin zitekeen. Legebiltzarra Mossoek inoiz ez bezala zaindua ageri zen eta zaintza berezi hori ez zen Parlamenta herritar unionista ultrengandik babesteko; Puigdemonten balizko atxiloketaz hitz egiten zen eta Legebiltzarreko planen artean zegoen parlamentariren batzuk akaso gaua bertan pasatu beharko zutela; legebiltzarreko langileak hainbat lekutatik aritu ziren sofa-oheak eramaten Legebiltzarrera. Edozer gerta ere, Parlamentuan ziren 1.000 kazetari –horietatik 300 atzerritarrak– gertaera horien lekuko izango ziren, tartean lerro hauek idazten dituen ARGIAkoa.
Arratsaldeko 18:00etan zen hastekoa Puigdemonten hitzaldia, baina ordubete atzeratuko zela iragarri zen ordua helduta. Era guztietako zurrumurruak laster barreiatu ziren telebista kameren kableekin estropezurik ez egitea zaila zen korridore haietan. Independentzia aldarrikatu behar ei zuen Puigdemontek, eta gero denbora bat utziko zuen elkarrizketa eta negoziaziorako, batez ere Europara begira. Eta unea helduta, berarengan ohikoa den moduan, hitzaldi ondo atonduaren muinean jaurti zuen erreferendumaren agindua onartzen zuela: "Katalunia estatu independente bat izatea, errepublika forma hartuta".
Txalo zaparrada kalean, herritarrak pozarren, horrenbeste denbora une honen zain… eta segundu gutxira zaflada: "Solemnitate berarekin, Gobernuak eta nik neuk independentzia aldarrikapena bertan behera uztea eskatzen dugu".
Hortik aurrera etsipena, nahasmena eta ezkortasuna zabaldu ziren mugimendu independentistan, batez ere lehen orduetan. Arrakalak ikusten ziren jada ordura arteko harresi trinkoetan eta herritarrak beldur ziren ordura arte iraultza egitea ahalbidetu zien arma kuttunaren egoeraz, hau da, batasunaz.
Independentzia aldarrikapena bai ala ez?
Oraindik ez dakigu egiazki independentzia aldarrikatu zen ala ez. Nik neuk ezetz interpretatu nuen lehenbiziko egunetan, Kataluniako hainbat hedabide, pertsona eta mezu entzun eta irakurri ondoren. Baina litekeena da erratuta egotea, egunetik egunera indartzen baita oraingoan ezkutuko arma Puigdemonten ambiguetate kalkulatua dela eta biak interpreta daitezkeela, baietz eta ezetz, nahieran. Bere testuak ematen du horretarako aukerarik, baina gainera, osoko bilkuraren ondoren Junts Pel Sík eta CUPek Independentzia Adierazpenaren testua sinatu zuten Parlamentuko beste areto batean, eta hori bada egiazko independentzia aldarrikapen, zalantzarako tarterik uzten ez duena.
Bai, independentzia aldarrikatu zen, diote askok: "Nork dio horretarako Parlamentuan bozketa egin behar denik?" edo "Maciak ere berak aldarrikatu zuen 1934an". ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak ere esan berri du, "herritarrek bozkatzen dute independentzia, ez legebiltzarrak", beraz, baietzak irabazita nahikoa zen Puigdemontek hala adieraztea eta kito.
Bestetik, CUP, ANC eta, besteak beste, PDeCAT edo ERCko sektore batzuek etengabe egiten diote presioa esanez "aldarrika dezala behingoz" independentzia edo "altxa dezala suspentsioa".
Inork ez daki zer gertatuko den, baina dagoeneko onartutzat ematen da Espainiako Gobernuak 155. artikulua indarrean jarriko duela, nahiz eta askoren ustez jadanik indarrean den. Nola aplikatuko da baina? Ez dago batere argi, baina errepresio handiz, edo hori saldu nahi da behintzat. Erreferendumean erabilitako biolentzia etorkizunerako mehatxu izan ei zen batez ere.
Eta logikoa den gisan, beldur handia zaio errepresioari, Espainiaren historiak ematen duelako horretarako betarik. Orain arte indarrean inoiz jarri ez den 155. artikulua oso zehazkabea da, nahi denerako aukera ematen dio indarrean jarri nahi duen gobernuari, baina inon ez da azaltzen zein errepresio maila erabili behar den milioi bat edo bi milioi pertsona kaletik ateratzeko. Edo zer egiten den Mossoen zati batek bakarrik Generalitatea obedituko duela esaten badu, edo nola desegiten den gobernu bat eta beste bat jarri herritarrek lehenaren aginduak betetzen badituzte eta bigarrenarena ez.
Errepublikaren defentsa
Espainiak "legearen inperioa" deitzen duen bere indarraren mehatxuan du konfiantza; Kataluniak independentismoaren batasunean eta herritarren indarrean. Zein gailenduko da? Espainiaren indarra edo Kataluniaren legitimitatea?
Inork ez daki, baina batek pentsa dezake independentismoak lehenbailehen itxi behar dituela urriaren 10ean bere baitan irekitako arrakalak. Erreferendumaren iraultzaren espiritutik gertuago egonda samurrago defendatuko dutela independentzia; urrunduta, egoera korapilatu egingo zaiola Puigdemonti. Kapeluan untxiak izatea bikaina dela, baina errepresioa areagotzen denean, untxiez gain, bestelako tresnak ere beharko dituela lehendakariak. Batzuek Europan jartzen dute esperantza une honetan, besteek independentzia aldarrikapenean, besteak beste, honek defentsa tresnak ematen dizkielako.
Bi hilabete gehiago eskatu dizkio Puigdemontek Rajoyri, elkarrizketa edozeren gainetik lehenetsiz. Erantzun horrekin Espainiako Gobernuak erabakita bide du: 155. artikulua. Eta hala bada, bertan behera utzi ei zen independentzia aktiba dezake Puigdemontek. Eta katalanek berriz erabaki beharko dute nola segi Kataluniako Errepublika defendatzen. Batera zein bestera, oso kontuan izateko modukoak dira Nelson Mandelak esan eta hain ezagun bihurtu diren berba haiek: "Zure erabakiak izan daitezela zure esperantzen isla, eta ez zure beldurrena". | news |
argia-53d7474b7fd3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/alfontso-gartziandia-ahtren-aurkako-aktibista.html | "AHT modu paregabea da diru publikoa esku pribatuetara abiada handian pasatzeko" | E�aut Agirrebengoa Apaolaza | 2017-10-22 00:00:00 | "AHT modu paregabea da diru publikoa esku pribatuetara abiada handian pasatzeko"
Alfontso Gartziandia naiz, 45 urte ditut eta Aratzurin bizi naiz. Urteak daramatzat AHT Abiadura Handiko Trenaren kontra borrokatzen. Proiektu hori zentzu askotan da kaltegarria eta, nire ustez, ez dago nondik eutsi. AHTren kontrako mugimendua hoztu egin da Nafarroan, eta berpizteko asmoz, berriki Tren Sozialaren aldeko eta AHTren kontrako Iruñerriko plataforma sortu dugu Oltza Zendea, Itza, Egillor eta Orkoiengo hainbat bizilagunek.
Gure eskualdeak zeharo arbuiatzen du AHTren edo, egun ezaguna den bezala, PHT Prestazio Handiko Trenaren proiektua, eta gure plataformak kontrakotasun hori bistaratu nahi du. Aipatu egitasmoa diru xahutze hutsa da. Eraikuntza lanetan inbertitutako dirua ez dago amortizatzerik, eta errentagarritasun sozialik ere ez du. Halako zerbitzuak ahalmen ekonomiko handiko pertsonek erabiltzen dituzte, eta hauei diru-laguntzak ematen ari gatzaizkie, txartelak merkatuz, dirua halako azpiegituretara bideratuz… Ordea, geroz eta garestiagoa da hurbileko tren-zerbitzua. Eta hori da jende gehienak erabiltzen duena.
Gainera, gure kasuan, AHTk bitan zatituko luke eskualdea. Eta ez errepide batek banatuko lukeen moduan. Trenbide berria halako errezel fisiko bat litzateke, gurutza ezinezko hesi moduko bat. Erakundeen babesa izan nahiko genuke, baina, tamalez, Nafarroako Gobernuak bultzatu egin nahi du AHT. Diskrezioz bada ere, gobernura iritsi zenetik aritu da horretan Geroa Bai. Nafarroan ez da inongo alternatibarik baloratu. Era berean, gobernuak ez du kontuan hartu herritarron hitza. Lehenengo, egitasmoa zehaztu eta diru kontuak itxi dira, eta gero eman zaizkio azalpenak gizarteari.
Guretzako, ordea, badago alternatibarik Nafarroako korridorearentzat. Ni Sustrai Erakuntzako kide ere banaiz, eta bertan TPS Tren Publiko eta Sozialaren egitasmoa garatu dugu. 1987ko Tren Garraio Planean oinarritzen da. Honen arabera, Castejon eta Altsasu arteko zatia berritu eta indartu beharra dago, trenbidea bikoiztuz. Plan hau ez da inoiz burutu, ahaztu egin baitzen Madril-Sevilla AVEa egin zenean. Guk garbi dugu Nafarroako sarea jada zaharkiturik dagoela. Trenbidea bikoizteko aukera badago, eta, gure ustez, hor dago irtenbidea. Gainera, bide bakoitzari zabalera iberiarra eta nazioartekoa ezartzea proposatzen dugu.
TPSk nahi adina jende eta merkantzia garraiatzeko aukera emango luke. Pertsonentzako 160-180 kilometro orduko abiadura izango luke, eta merkantzietarako 90 kilometro ordukoa. Horretarako, jada eraikia dagoen azpiegitura bat erabiliko genuke. Hau da, milaka milioi euro aurreztuko lirateke. TPSk hurbileko garraioa ere zainduko luke. Funtzionatzeari utzi dioten hainbat geltoki berreskuratu nahi ditugu, tren bidezko garraioa bultzatu eta errepidekoari benetako konpetentzia egiteko.
Ingurumenari begira ere, egokiagoa da gure proposamena. AHTk ustez aurreztuko lukeen emisio kopuruak ez luke sekula berdinduko bere eraikuntzan igorritakoa. Aitzitik, gure plana askoz ere garbiagoa da. Oraingoz, harrera ona ari da izaten. Herritar askok zuen alternatiba baten beharra. Ordea, lan zaila izango da TPSren proposamena botere lekuetara eramatea. Ikuspegi politiko oso zehatza duten taldeak eta eraikuntzaren lobbyak dira AHTren bultzatzaileak. Eta, finean, horiek daude agintean. Proiektu horrek ez luke inongo azterketa kritikorik gaindituko. Baina AHT modu paregabea da diru publikoa esku pribatuetara abiada handian pasatzeko. | news |
argia-90464ee41749 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/esako-urtegiaren-handitzea.html | Gutxietsitako arriskua | Ane Eslava Serrano | 2017-10-22 00:00:00 | Gutxietsitako arriskua
2001ean Jaume Matas Espainiako Ingurumen ministroak Esako presa berriaren lehenengo harria jarri zuenetik, epeek eta aurrekontuek gora egin dute modu geldiezinean, baita presa sostengatzen duen magalaren mugimenduek ere. Herritarren artean ezjakintasuna da nagusi, eta Ebroko Ur Konfederazioaren erantzuna isiltasuna da. Handitzearen benetako eraginak jakin bitartean obrak geldi ditzatela eskatzen du gizarteak, eta eskaera horri batu zaio Nafarroako Gobernua.
Esako urtegia frankismo garaian inauguratu zuten, 1959an, laborantza lurretako 2.400 hektarea urperatuta eta Tiermas, Ruesta eta Escó herrietako despopulazioa bultzatuta. Segurtasun arazoak izan ditu hasieratik, presa sostengatzen duen magala geologikoki oso ezegonkorra delako. Adituek urteak daramatzate arrisku horiez ohartarazten. Hala eta guztiz ere, 1985ean urtegia handitzeko proiektua onartu zuten.
Magala milimetro batzuk ari da mugitzen hilero eta haren egoera "jasanezina" izango da, Antonio Casas geologoak otsailean Nafarroako Legebiltzarrean azaldu zuenez
Hasierako egitasmoak urtegiaren edukiera hirukoiztea aurreikusten zuen, baina borroka sozial eta judizial handi baten ondorioz, proiektua aldatzea lortu dute: urtegiaren bolumena bikoiztu egingo dute, 490 hektometro kubotik 1.079ra pasata. Lanak 2009rako amaituta egongo zirela esan zuten hasieran, baina epea atzeratzen joan dira, 2020an finkatu arte. Hasieran 113 milioi euroan esleitu zituzten obrak, eta 433 milioira igo dute zifra; aurrekontua laukoiztu egin dute, alegia. Kopuru horri "obra osagarrietara" zuzendutako 277 milioi euro gehitu behar zaizkio.
Ondorioei dagokienez, presa handitzeak kalteak eragingo ditu Natura 2000 sare ekologikoa osatzen duten Kontserbazio Bereziko Eremuetan eta Batasunaren Garrantzizko Lekuetan, eta mendi-hegalak irristatzeko probabilitatea handituko du. Horrez gain, urak Artieda, Mianos eta Sigües herrietako lurrik emankorrenak hartuko ditu, eta biztanle askori lurrak eta etxeak desjabetuko dizkiete. Ibarraren ondarean ere eragingo du, Santiago Bidearen 22 kilometro desagerraraziko dituelako.
Mugimenduen eta arriskuen inguruko txosten ofizialik ez
Antonio Casas Zaragozako Unibertsitateko geologoa da Esaren inguruan gehien ikertu duten adituetako bat. 1990ean hasi zen urtegiaren arriskuei buruz ohartarazten, eta gerora, haren txostenetako aurreikuspenen zuzentasuna frogatu da. Otsailean, Nafarroako Legebiltzarrean, jakinarazi zuen eskuineko magalaren egoera "jasanezina" dela, hilero milimetro batzuk higitzen ari dela eta mugimendua hasieran aurreikusten ez ziren inguruetara zabaldu dela. Aurrera begira egoera "jasanezina" izango dela adierazi zuen Casasek.
Esako handitze lanetan segurtasuna bermatuta ez dagoela eta Ebroko Ur Konfederazioa arriskua "gutxiesten ari dela" ondorioztatu dute Nafarroako Gobernuko teknikariek
Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak (CHE), baina, ez dituzte onartzen Casas eta gainontzeko adituen ikerketak, eta Konfederazioak ez du informaziorik ematen. Horregatik, herritarren kolektiboek urteak daramatzate Nafarroako Gobernuari exijitzen bere eskumenak erabil ditzala, nazioarte mailako ebaluazio-txosten independenteak eskatzeko, existitzen diren arriskuak baloratzeko. Eta hainbat ezezkoren ostean, azkenean, baiezkoa jaso dute: irailaren 6an, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen nazioarteko adituen irizpena enkargatuko dutela eta txostenaren kostuak 2018ko aurrekontuetan zehaztuko dituztela.
Era berean, Madrilgo Gobernuari eskatu diote obrak gelditu ditzala txostena burutu arte. Asmoa berretsi baino ez dute egin Gobernuko teknikariek egin duten eta urriaren 9an ezagutarazi zen ikerketaren emaitzek: segurtasuna ez dago bermatuta Esako urtegia handitzeko lanetan, eta Ebroko Ur Konfederazioa arriskua "gutxiesten" ari da.
Handitze lanaren helburu ofizialak, zalantzan
José Luis Beaumont Esako urtegiaren auzietan ibili den abokatua da. Gertutik ezagutzen du CHE eta "opakotasunaren sinbolo" moduan definitu du: "Arazoak daudenean ezkutatzen edota gutxiesten dituzte, Esa ez da inongo salbuespena. Espainiako Estatuan obra hidrauliko handien proiektuak onartzen dira aurretiazko ikerketa geologikoak egin gabe, eta ondoren arazoak daudenean nahi bezainbeste diru publiko desbideratzen dute".
Beaumonten ustetan, helburu ezkutu bat dago urtegia handitzearen atzean: bertsio ofizialaren arabera, eraikitzen ari diren hormigoi puska berria jatorrizko presan sostengatuko da; hark, ordea, alderantziz izango dela uste du, jatorrizkoa segurtatzeko eraikiko dutela berria, alegia. "CHEk ez du hori inoiz esan, onartu beharko lukeelako egungo urtegia ez dela segurua eta hustu egin behar dela konponbide bat aurkitu arte", azaldu du.
"Handitzearen lehenengo proiektuan presak 1.225 hektometro kuboko dimentsioa izatea aurreikusten zen, eta hala eraiki izan balute, ezinezkoa izango litzateke urtegia betetzea, presa urte oso batez itxita ere –hori ezinezkoa da, gutxienez ibaiaren emari ekologikoa utzi behar delako–, Aragoi ibaiaren ekarpena txikiagoa da eta", argudiatu du abokatuak. Haren ustez, neurri horietako presa bat eraikitzearen helburu bakarra presa zaharra sostengatzea izan daiteke.
Antzekotasunak Vajont-eko urtegiarekin
Esan gertatzen ari diren mugimenduek parekotasunak dituzte adituek Vajonteko urtegian (Pordenone, Italia) antzeman zituztenekin. "Eraikuntza fasetik egon ziren arazoak Vajonten, teknikari adituek behin eta berriz adierazi zuten labainketa bat jazoz gero, urtegia beteta bazegoen edota mugimenduak presari eragiten bazion, hondamendi bat gerta zitekeela; Esari buruz esaten dutenaren antzekoa, alegia. Eta hemen bezala, han ez zieten jaramonik egin", salatu du Beaumontek.
Hain zuzen ere, 1963ko urrian irristatze handi bat egon zen, urtegiaren ur-maila altua zenean, eta 260 metro kuboko bloke bat uraren gainean erori zen; 200 metroko olatu bat sortu zuen horrek. Olatuak presa gainditu zuen, herriak aurrean eraman zituen eta 2.000 hildako inguru eragin. Naturak eragindako ezbehar saihetsezin bat bailitzan "saldu" zutela salatu du abokatuak.
Tresnarik ez arriskuen aurrean
Iker Aramendia Zangozako biztanlea da, arriskua hurbilen duten herrietako batekoa, eta Esa+Ez kolektiboko kidea. Talde horrek askotan salatu du CHEk ez duela inongo larrialdi protokolorik diseinatu balizko katastrofe bati aurre egiteko, ezta 2013an jazotako krisialdian ere. Urte horretan irristatze larriak izan ziren eskuineko hegalean eta Lasaitasuna eta El Inglés urbanizazioetako 60 etxebizitza hustu zituzten. Zenbait adituk –tartean Casasek–, Zangoza hustea gomendatu zuten. "Arriskuaren aurrean tresnarik ez genuela ikusi genuen", salatu du Aramendiak.
Iker Aramendia, Esa+Ez:
"Euria barra-barra egiten duenean, gauean, zure mamuetan pentsatzen hasten zara eta ezin duzu hori baztertu"
Ordutik ez diote borrokatzeari utzi, eta kontzientziazioa piztea lortu dute: "Ez da erraza izan jendea egoeraz jabearaztea, arazoak urte asko baitaramatza, eta bat-batean esatea herri oso bat arriskuan dagoela marra gorri bat pasatzea da, eguneroko bizimodua planteatu behar duzu", adierazi du. Egonezin horrekin bizitzea zer den azaltzea kostatu zaio: "Hemen euria barra-barra egiten duenean, gauean, zure mamuetan pentsatzen hasten zara eta ezin duzu hori baztertu. Gero kalera zoaz, eta han ere gaia ateratzen da. Eta informaziorik ez dagoenean beldurrak areagotzen dira".
Hala ere, etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio Aramendiak: "Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoa gure alde dago orain, arazoa konpontzeko premia onartu dute eta euren eskumenak martxan jarri dituzte. Gainera, Europako Batzordeak ingurumenari gehiago begiratzen dio eta hori aukera izan daiteke. Epaile batek gure kasua eskuan hartuta, txosten teknikoekin, ezingo du beste toki batera begiratu: gelditu, aztertu eta irtenbide bat bilatu beharko du". | news |
argia-d5af4ae756f7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/estereo-bat-bero.html | Estereo bat bero | Jakoba Errekondo | 2017-10-22 00:00:00 | Estereo bat bero
Metro kubo egur gordin, horixe da estereoa. Guk zuhaitzek, arbolek eta zuhaixkek duten parte gogor guztiei deitzen diegu egurra. Zenbaitek parte gogor hori bitan banatzen dute: zura eta egurra. Gaurkorako berdin dit, sutan erretzekoaz ariko naizenez, era batera edo bestera egurra.
Egur batetik bestera ere badago bada aldea. Trinkoak, astunak, arinak, biguinak, gozoak... Egurretan ere denetik. Eta sutan jarritakoan? Eltzea sutan jarrita probatzen omen da, baina su hori egin behar duen egurra ere ederki probatuko du garrak.
Lagun amerikar batek bidali dit han erabiltzen duten su egurraren berotze indarraren neurria. Hiru mailatan banatzen dute egur jendea, gasolinarekin alderatuta ematen duten beroaren arabera.
Lehen multzoko egurren estereo batek 210 eta 260 litro arteko gasolinak adina bero ematen du. Hauek dira: amerikar pagoa ( Fagus grandiflora ), sagarrondoa ( Malus x domestica ), ipar haritza edo haritz gorria ( Quercus rubra ), intxaurrondo zuria ( Carya ovata ), astigar azukreduna ( Acer saccharum ), amerikar lizarra ( Fraxinus americana ), haritz zuria ( Quercus alba ) eta urki horia ( Betula alleghaniensis ).
Bigarren multzokoen estereo batek 160 eta 210 litro arteko gasolinak adina berotzen dute: amerikar zumarra ( Ulmus americana ), gereziondo beltza ( Prunus serotina ), Douglas izeia ( Pseudotsuga menziesii ), astigar gorria ( Acer rubrum ), zilar-astigarra ( Acer saccharinum ), amerikar alertzea ( Larix laricina ) eta paper urkia ( Betula papyryfera ).
Hirugarren multzoko egurrek sortzen duten energia 105 eta 155 litro arteko gasolinaren parekoa da, hauena: amerikar lertxuna ( Populus tremuloides ), amerikar makala ( Populus deltoides ), kanadar tsuga ( Tsuga canadensis ), pinu okerra ( Pinus contorta ), haltz gorria ( Alnus rubra ), sekuoiak ( Sequoia sempervirens eta Sequoiadendron giganteum ), Sitka abetoa ( Picea sitchensis ), tuia erraldoia ( Thuja plicata ) eta estrobo pinua ( Pinus strobus ).
Negua amaitu aurretik, gure inguruko egurren energia balioa ea aurkitzen dudan... | news |
argia-04f632e0294a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/emakume-gutxi-nobel-saridunen-zerrendan.html | Emakume gutxi Nobel saridunen zerrendan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-10-22 00:00:00 | Emakume gutxi Nobel saridunen zerrendan
1901ean banatzen hasi zirenetik, ia 50 emakumek jaso dute Nobel saria. Guztira 900 saritu inguru izan dira eta horrek esan nahi du emakumeen portzentajea %6 ingurukoa dela.
Marie Curie (argazkian) izan zen 1903an Nobela jasotzen lehena, eta saria bi aldiz eman zioten, gainera. Sari gehienak literaturan, bakean eta medikuntzan jaso dituzte emakumeek, eta 2009a izan zen haientzat urterik "onena": lehenengoz emakumezkoa izan zen ekonomian saritua, Elinor Ostrom, eta guztira bost emakume –eta zortzi gizon– zeuden sarituen zerrendan. Azken bi urteetan, ordea, ez da emakumerik ageri palmaresean. | news |
argia-901c1c863c6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/tokatzen-dena-egin.html | Tokatzen dena egin | Kepa Matxain | 2017-10-16 00:00:00 | Tokatzen dena egin
Urriaren 14an Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdenaren kronika. Sailkapena: Etxahun Lekue (673 puntu), Maddalen Arzallus (670), Jon Maia (662,5), Beñat Lizaso (646,5), Xabat Galletebeitia (636) eta Eneko Lazkoz (607).
- Atxaga dixit: akritiko baten antzik handiena duena hiperkritiko bat da.
Halaxe bota nion. Ni ere nekatzen naiz tarteka Inesekin, ez pentsa. Dibertigarri zait eztena, baina eztenetik herrazko mar-marrera dagoen aldea zaila da kalkulatzen, eta irudipena nuen Inesek, hainbestetan gozarazten nauen berberak, pasatzen duela tarteka marra hori.
- Ez hadi orain Atxaga zitatzen hasi, faborez. Ez zaidak bururatzen aitona marmartiaren adibide egokiagorik.
Irmo eta txorakeriarik gabe, berriz ere. Batzuetan, Inesi begiratzean, koinatua ikusten dut.
- Ez dun hik zerikusirik izango Patxi Bakallo, Joxe Mero edo Twitterren dabiltzan troll horietakoren batekin, ezta?
Tankera guztia zeukan. Hura zen bere estiloa, kronikotan ematen diodan protagonismo dosia aski ez eta troll bat sortzea, ezkutuan, anonimo, koldar, dokierki penaltiak eginez. Ezetz erantzun zidan, noski, baina badaezpada saio osoan aritu nintzen mugikorra ateratzen ote zuen begira. Gainontzean, Tolosako Beotibarren ze panorama? Ba bero sapa, Xabier. Harmailak mukuru eta akustika eskasa –nahiko lan bertso batzuk ulertzen–. Oro har, leherketarik gabeko saioa joan zen, pinoi finkokoa. Maddalen Arzallus, kantakera lagun, sendo eta konfiantzaz; Jon Maia egoki, tartean behin ale onak utziz; Eneko Lazkoz erabat erori gabe baina gorabeheratsu; Beñat Lizaso txukun, noiz edo noiz borobilduz; Xabat Galletebeitia nahiko zuzen, hamarreko txikian batez ere; eta Etxahun Lekue sendo, hasi eta buka. Baina sentipena nuen gidoiari atxikitako saioa zihoala, amaierarako astun samarra, eta kronikaratzeko zaila. Orduan heldu zen Inesen marmarra, ohi bezala, ni atakatik ateratzera (galdetu nion ea inoiz deus positiborik esango didan, baina hark egoteko puska batean, bestela ere iruzkin positiboz gainezka daudela hedabideak eta kontrapisua egiteko behar larria dagoela, "bertsolaritzaren osasunaren alde" –bere ipurterretasuna justifikatzeko sermoi merke hori bota eta lasai gelditu zen gainera, jakingo ez banu bezala zenbat axola dioten afera horiek–).
"Hasteko, gaurko gai batzuk ez zaizkidak asko gustatu. Eta kartzelakoan pasa egin dituk" – inoiz ez bezelako besarkada eman dizu aitak zuten gaitzat –. "Bazakiat beti gauza berekin nabilela bueltaka, baina faborez, bestela ere bazagok nahiko joera hunkigarrismo rako eta gaian aita eta besarkada sartzen badituk, artefaktu hilgarri bat sor dezakek. Klaro, gero ia bertso guztietan agertzen dituk ospitalea, eritasuna, malkoak, eta, Patxi Bakallo horrek jarri zian bezala, puntularitzaren pack guztia –termino aski erabilgarria, bide batez–. Baina ez natorrek harekin bat, ez nikek erantzukizuna bertsolarien gain –soilik– jarriko. Gai horrekin, zer nahi duk? Derrigortua hago emozioez kantatzera, eta emozioez kantatzeak arriskuak ditik. Terreno oso laprastagarria duk, gutxi libratzen dituk errazkeriatik. Kalterik ez gai jartzaileek kartzelakoan kontrako ariketa egingo balute: malkoa bilatu beharrean, malko alerta piztu eta, kontzienteki, hunkigarrismoa saihestera bideratutako gaiak jarri". Ez zitzaidan neurri txarra iruditu, ze egia baitzen, gaixotasunez eta malkoz jositako ariketa zioan, eta bertso gogoangarri askorik ez. "Beste inpresio bat ere izan diat saioa entzun ahala –behin hasita, Ines ez zegoen gelditzeko–. Plazekin alderatuta, txapelketan aldatu egiten duk bertsolari-entzule harremana. Plazan bertsolaria entzuleari ari zaiok kantatzen, ezinbestean. Txapelketan bertsolari batzuk epaileei kantatzen ari balira bezala sumatzen ditiat –entzuleek ere desberdin entzuten dutela uste diat, barruan epaile txiki bat balute bezala, etengabe baloratuz ze esaldik eman ditzakeen puntuak eta zeinek ez, baina gai hori beste baterako–. Eta kantaera horretatik sortzen duk bertso mota bat, zuzena, baina batere distirarik gabea. Bueltan-bueltan, mota horretako bertsoek puntuak pilatzen ditiztek, ondo josita eta egoki jantzita daudelako, gauza gutxi esan arren. Uste diat, adibidez, Lazkozen eta Lekueren hamarreko txikiko ariketa oso desberdina litzatekeela plazan, beste ikuspuntu batetik arituko liratekeela, beste doinu batekin, halako transzendentziatan galdu gabe. Baina bazirudik txapelketan hala tokatzen dela, badagoelako aurrezarritako gidoi bat: zortziko handian ofizio zuzen bat, txikian arinkeria, hamarrekoan seriotik eta kartzelan malkoa. Konbo perfektua. Eta inor hortik ateratzen saiatzen bada, zigorra puntuetan. Maiz, eskema horrek egoki jositako bertso mediokrea saritzen dik, traketsago jositako bertso freskoen kaltetan".
Hori entzutean pentsatu nuen salbatu nuela kronika nolabait, eta hurrengo baterako ere, ziur asko berriz nekatuko nauen arren, ez daukadala Inesi deitzea baino alternatiba hoberik. | news |
argia-cf6ed3fe33f9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/edurne-koch-chrysallis-elkarteko-kidea.html | "Direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira haur transexualak" | Reyes Ilintxeta | 2017-10-22 00:00:00 | "Direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira haur transexualak"
Urteak daramatza lanean UEUko Nafarroako arduradun, askotan korrontearen kontra, unibertsitate horren balioen alde. Duintasun eta identitateen aldeko beste ekimen handi batean dabil buru-belarri: bere haur txikiena bezala, transexualitate egoeran dauden haurren eskubideak aldarrikatzen ditu Chrysallis Elkartetik.
Argazkilaritzarekin aspaldiko harremana duzue familian, ezta?
Aita, aitona eta birraitona argazkilariak ziren. Birraitona Alemaniatik Donostiara etorri zen 1898an eta argazki estudioa zabaldu zuen. Nik hautatu nuen negozioarekin jarraitzea aitak utzi behar izan zuenean. Imajinatzen dut lau ahizpetako batek hartu behar zuela erreleboa eta ni izan nintzen.
Beraz bokazioa edo beharra?
Akademian ikasten hasi nintzen, baina aitarekin zuzenean ofizioa ikasteko aukerarik ez nuen izan, gaixotu egin baitzen. Aitarengandik txikitatik ikasi nuen ordea gauzak begiratzeko modua. Horrela, beraz, bat-batean negozioaren zama nire gainera etorri zen 19 urte bete berritan. Handik gutxira Euskaldunon Egunkarian lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta bi lanetan batera denboraldi batez aritu nintzen, bietako bat hautatzeko unea iritsi zen arte. Erabaki nuen negozioa ixtea izugarrizko zama zelako niretzat. Prentsan egin ahala ikasi nuen argazkilariaren lana. Gustura ibili nintzen lehen urteetan, baina gero digitalerako jauzia etorri, papera krisian sartu eta ondorioz argazkilariei kristoren presioa sartu ziguten. Ordutegi finkorik gabe, asteburutan lanean, presioa, kaleratzeak... jasangaitza. Zortzi urte pasatuta, utzi egin nuen. Krisi pertsonal handi bat izan nuen. Denarekin moztu eta Nafarroara etorri nintzen. Imoztar batekin maitemindu eta hona etorri nintzen bizitzera.
UEUra nola iritsi zinen?
Lehen bi seme-alabak eskolan hasi ondoren ikusi nuen iragarki bat lanpostu horretarako. Aurkeztu eta hartu ninduten. Bederatzi urte pasa dira dagoeneko. Oso proiektu polita da.
UEUrentzako haize berriak Nafarroan orain, ezta?
Aldaketa itzela. Azken urteotan UEUk ez ezik, euskalgintza osoak pairatu behar izan duen bazterkeria ikusita oraingo egoera izugarria da. Alfonbra gorria jarri digute, diru laguntzak, harrera ofizialak…
"Boikota hain handia izan da ezen jende asko orain ezagutzen ari baita UEU Nafarroan". Argazkia: Dani Blanco.
Itsuskeria asko jasan behar izan duzue?
Aurrekoen politika moldea horrelakoa izan da: euskararekin lotua dagoen guztia satanizatzen dute. Nafarroa inbaditzera datorren EAEko jendea bagina bezala tratatu gaituzte beti. "Que-vienen-los-vascos" mamu horrek funtzionatu du eta funtzionatzen du oraindik.
Gogoan dut nola Xabier Azanza Euskarabideako zuzendariak gure edukietan Euskal Herriaren aipamena egiten zela leporatu zigun behin eta berriz.
Boikota hain handia izan da ezen jende asko orain ezagutzen ari baita UEU Nafarroan. 40 urte daramagu udan ikastaroak antolatzen Iruñean eta hamabost urte udazken eta udaberrian.
Zergatik da beharrezkoa UEU gaur egun?
Helburu nagusia euskal unibertsitatea sortzea da. Hori politikoki ezin da gauzatu gaur egun, horretarako erabakimen sendorik ez dagoelako. Egoera horretan UEUk egiten duena da erdaraz aritzen diren unibertsitate horiekiko elkarlana sustatzea euskarazko graduondoak eta ikastaroak eskainiz, euskal komunitate zientifikoa bildu eta haien arteko sareak sortuz, eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jarri.
Erakundeek eman diguten babesari esker eta egin den zabalkunde lanarengatik matrikulazioa boskoiztu egin da azken bi urte hauetan. UEU ezagutzen duenak gero berarekin jarraitzen du, euskarazko formakuntza beharra dagoelako.
Udako unibertsitatea, baina urte osoan lanean?
Gainera orain balantza aldatzen ari da: lehen udakoa izaten zen eskaintza nagusia, eta orain aldiz, indar handia hartu dute udazken eta udaberriko ikastaroek.
San Ferminen ondoren UEUko ikastaroak ziren Iruñeko basamortu latza alaitzen zuten ekimen bakanetakoa, baina data aldatu duzue.
Bi urtez egin ditugu ikastaroak ekainaren bukaeran eta oso emaitza onak jaso ditugu. Beste aldaketa handi bat izan da erdigunera ekartzea. Urtez urte egoitzaz aldatzen ibili gara ezinbestean. Orain, azkenean, udako ikastaroak egiteko Ezpeleta Jauregia eskaini digu Nafarroako Gobernuak, Iruñeko bihotzean, Kale Nagusian. Aldaketa ikaragarria izango da.
"Aizarotz herri txikian bizita gure seme-alabei askatasunean hazteko aukera eman nahi genien. Oso pozik gaude, gasolinatan ordaintzen ari garen arren"
Hiru haurren ama izatea ere ez da lan makala izanen.
Hiru seme-alabak heztea nire lanik konplikatuena da zalantzarik gabe!
Zergatik erabaki zenuten herri txiki batean bizitzea?
Gure seme-alabei askatasunean hazteko aukera eman nahi genielako. Oso pozik gaude, gasolinatan ordaintzen ari garen arren. Hemen bokataren bila etortzen dira etxera eta ondorengo orduetan ez ditugu ikusten. 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilak askotan ibiltzen dira jolasean, elkar zaintzen, gauzak egiten, elkarri gauzak irakasten… eta tamalez hori gaur egun hirietan ez da asko ikusten. Nire ustez ikasketa prozesu garrantzitsuena kalean dago.
Ni beste modu batez izan naiz hezia, umearen hitzak entzuten ez ziren garaikoa naiz eta saiatu naiz gure haurrei kontrakoa transmititzen, arau batzuekin, noski, horiek ere beharrezkoak direlako. Gainera hemen tempoa desberdina da, dena pausatuagoa. Iruñetik etorriz gero lasaitasuna eta naturaren babesa sentitzen dira. Hirian beti estimulu pila dago. Alaba nagusiak dio nahiz eta urte batzuk kanpoan ibili hona itzuli nahi duela bizitzera. Pozgarria da.
Zuek Aizarotzen bizi zarete. Zer du berezi herri horrek?
Hemengo udalak duela zenbait urte apustu batzuk egin zituen jende gaztea erakartzeko. Ernaizu emakumeen kooperatiba bultzatu zuen, adibidez, emakumeak bertan lan egin eta bizi ahal izateko eta Aizarotz herria sortu zuen. Lau etxe soilik ziren, bi familiaren esku zeudenak, eta etxe txiki eta merkeak egin zituen gazteak erakartzeko. Orain oso herri gaztea da. Bizpahiru adineko daude, besterik ez. Erroldatutako 176 pertsona gaude, horietatik 58 adingabekoak. Bizitzeko beste filosofia baten bila etorritakoak, asko, eta komunitatearen aldeko lanean gabiltza, ekimen ugari horretara bideratuz.
"Nire begiradarekin Beñati transmititzen nion oso femeninoa zen seme bat neukala, eta onartzen nuela, baina berak bilatzen zuena ez zen hori. Orduan hasi zen etengabe, egunero-egunero, galdetzen: 'Ama, ni neska naiz?'" Argazkia: Dani Blanco.
Zuen hirugarren umea Beñat da, zakila duen sei urteko neska.
Beñat etorri da eskema guztiak haustera. Zakila duen neska da, baina ez ginen hori ikusteko kapazak izan lau urte bete zituen arte. Ikusteko gai izan nintzen une hori ez zait sekula ahaztuko. Ni barnetik hautsi egin nintzen. Haurra bi urtez aritu zen guri modu desberdinetara esaten erratuta geundela. Bera ez zela guk pentsatzen genuena. Oso berandu hasi zen hitz egiten eta ordura arte ez ginen gai izan bere beste mezu horiek ulertzeko. Mundua ulertzeko modua erabat aldarazi zigun. Oso potentea da. Nahiz eta buru-belarri ibili borrokan, Chrysallis EH elkartean, eta Beñati eskua eman eta bere ondoan nagoela lehen mementotik esan, gogorra izaten ari da, emozioak pil-pilean ditut.
Haur asko dago egoera horretan?
Elkartean 500 familia gaude Espainiako estatuan, horietatik 50 Euskal Herrian. Pentsa, Euskal Herriko Elkartea zortzi familiak osatu zuten 2015. urtean, beraz bi urtean izugarri hazi gara. Haurren transexualitatea bereziki tabua izan da orain arte eta hori apurtzera etorri gara. Umeok direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira eta oso handia da gizarte guztiarendako, aniztasunaren diskurtsoan jartzen gaituelako. Transexualitate egoeran dauden helduek esaten digute haurtzaroa galdu zutela etengabe ezeztatuak izan zirelako; haien suizidio saiakera tasa oso altua da, beldurtzekoa. Horregatik errealitate hori gizarteratzearen garrantzia.
Adin guztietako haurrak ditugu elkartean, baina jakintza hazi ahala gero eta nerabe gehiagok erabakitzen dute pausoa ematea, beraien egoera ulertu eta ausartu egiten dira. Nerabeok kristoren motxila daramate, baina behin onartuta eta gizarteratuta, zoriontsu izatera heldu daitezke.
Haur transexualei beren identitatea ukatzen ari zaie, guztion partetik eta egunero. Oso gogorra da. Gehienek izugarrizko nortasuna dute, baina beste batzuek ez. Batzuetan arazoak sortuz adierazten dute zerbait gaizki doala. Batzuk, adibidez, beren organo genitalak mutilatu nahian hasten dira. Zorionez ez da gure kasua. Beñatek naturalki eraman du prozesua.
Nola jakin zenuten Beñat neska zela?
Txiki-txikitatik soinekoak janzten zituen, amonaren eraztunak, oihal bat buru gainean ile luzea balu bezala, makillatzen zen, azazkalak margotu… Femeninotzat jotzen diren portaerak muturrera eramaten zituen. Hori dena onartzen geniola ikusita, haurra hasi zen mutilen gauzak baztertzen, mutilak baztertzen, aita eta aitona baztertzen. Antsietate zantzuak ere hasi zen erakusten eta ulertezinak zitzaizkigun amorru aldiak izaten. Sentitzen zuen ez zela zen bezala onartua eta hitz egiten hasi zenean neska zela esan zuen. Guk esan genion baietz, nahi zuena izango zela eta guk igual maitatuko genuela, baina mutil tratatzen jarraitu genuen. Erdaraz hitz egitean artikulu maskulinoa erabiltzen genuen. Nire begiradarekin umeari transmititzen nion oso femeninoa zen seme bat neukala, eta onartzen nuela, baina berak bilatzen zuena ez zen hori. Berak bere identitatearen onarpena bilatzen zuen. Orduan hasi zen etengabe, egunero-egunero, galdetzen: "Ama, ni neska naiz?".
Autobus transfoboaz: "Kritikak eta astakeriak esaten dituztenek ez dituzte gure haurrak eta familiak entzun"
Informazio bila hasi zineten.
Bagenekien zerbait gertatzen zela, baina ez genekien zer. Hasi ginen informazioa biltzen eta beste guraso batzuen testigantzak aurkitu genituen. Orduan argi ikusi nuen. Hurrengo egunean galdetu zidanean esan nion: "Bai, zu neska zara. Zakila duen neska eta zu bezala beste askotxo ere badaude". Ordura arte ikusia ez nion barne poza atera zuen bat-batean. Geroztik ez dit berriro galdetu. Nire onarpena zuen eta gero hasi zen familia osoarena bilatzen. Bere aitarekiko harremana aldatu zen, eskolako mutilekin berdin eta oro har bere ezinegonak desagertu ziren, alaitasunari bide egiteko. Haur gehienek patroi berberak segitzen dituzte: oso femeninotzat edo maskulinotzat jotzen ditugun jarrerak muturrera eramaten dituzte benetan sentitzen dutena ikusarazteko. Inork ez du atzera egiten. Beñat oso txikia da eta garaiz lortu du onarpena, baina ez da ohikoa, nahiz eta sufrimendua eragozteko prest gauden gurasoak gero eta gehiago garen, asko daude oraindik ezeztatuak direnak. Azken datuen arabera, mila umetik bat transexualitate egoeran jaiotzen da.
Zer izan da Chrysallis Elkartea zuentzat?
Chrysallis niretzat argia izan da. Haiei esker ulertu dut etxean zer nuen. Oso zaila da denarekin puskatzea. Presio sozialarengatik, sinesmenengatik… familia askok etxe barruan dituzte arazoak. Beñatek izugarrizko zortea izan du jaio den tokian jaio izanda, familia honetan, komunitate txiki honetan eta eskola honetan. Hemendik ateratzen denean 16 urte izango ditu eta ordurako nortasun oso sendoa izango du. Orain gu ari gara etengabe mundu guztiarekin hizketan, azalpenak ematen Beñat neska bezala onartua izan dadin. Igeriketara apuntatu genuen, adibidez, eta denei banan-banan azaldu behar izan genien neska dela eta nesken aldagelan aldatuko dela. Beste haurrak bezala hazi nahi dugu eta ez dadila desberdina sentitu. Bailara osoko neska zakildun bakarra dela jakitea kudeatzearekin nahikoa du. Beñat oso txikia da eta ez daki ezer eramaten ari garen borrokaz. Guk errespetuzko begiradak jasotzea nahi dugu, gutxienez. Denek uler dezaten eskatzea ezin da, baina errespetua jende guztiari eskatu behar zaio. Oso kontu polita da umeekin lantzeko: denok desberdinak gara eta denok errespetu bera merezi dugu.
Zer uste duzu autobus laranja moduko ekintza transfoboez?
Ezjakintasunak ekartzen ditu beldurrak eta ondoren fobiak. Errealitate hori dagoela gizarteratzea da gure lana. Kritikak eta astakeriak esaten dituztenek ez dituzte gure haurrak eta familiak entzun. Familien testigantzak adituko balituzte, desberdin jokatuko lukete. | news |
argia-07bf104f7eba | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/lotsaren-harresia-bilboko-portuan.html | Lotsaren harresia Bilboko Portuan | Andoni Mikelarena | 2017-10-10 00:00:00 | Lotsaren harresia Bilboko Portuan
Bilboko Portuko arduradunak lau metroko altuera duen harresi bat eraikitzen ari dira, errefuxiatuak ferryetan polizoi modura sartzea eragozteko. Erabaki horrek erreakzio ugari eragin ditu.
Bilboko portuan errefuxiatuei atea itxi eta armei zabaldu zaiela salatu dute pertsona ugarik. Aurreko abuztuan publiko egin zen Bilboko portutik zenbait arma kargamentu atera zirela Arabia Saudirantz. 312 bat edukiontzik zeramaten "lehergaiak" jartzen zuen errotulua. "8.656 armamentu tona", Elkarrekin Podemos alderdiko Iñigo Martinezen esanetan.
Aldiz, aurreko astean jakin zen migranteen aurkako harresi bat eraikitzen ari direla portu berean. Britanny Ferries enpresak zioen, horrela "polizoien arazoa konpontzea espero" dutela. Bilboko portua Erresuma Batuko Portsmouth hiriarekin lotzen ditu ferry konpainia horrek.
Santurtzi eta Zierbenako kanpalekuetako errefuxiatuak izan ohi dira Bilboko portuko ferryetan polizoi moduan sartu ohi direnak. Iñigo Urkullu Lehendakariak apirilean konpromisoa adierazi zuen Europara iritsi diren errefuxiatuei laguntzeko. Aldiz administrazioa oso urrun dago oraindik konpromisoa betetzetik.
Harresiaren harira, Ahal Dugu Euskadi alderdiak salatu du "pertsonen eskubideak erdigunean jarri beharrean, interes ekonomikoak" jartzen direla. Horregatik, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariaren eta Arantza Tapia sailburuaren agerraldiak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean. | news |
argia-386599025f8e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/maria-urakanak-baino-lehen-zorrak-suntsitu-du-puerto-rico-kolonizatua.html | 'Maria' urakanak baino lehen zorrak suntsitu du Puerto Rico kolonizatua | Pello Zubiria Kamino | 2017-10-22 00:00:00 | 'Maria' urakanak baino lehen zorrak suntsitu du Puerto Rico kolonizatua
Irailaren 20an Maria 5. kategoriako urakanak astindu zituen Antillak, kategoria bereko Irma-k jipoitu eta hamabost egunera. Txikiziorik handienak jasandakoen artean dago Puerto Rico, teorian AEBen probintzia baina benetan konpainia yanki handien kolonia dena. Zor publiko erraldoi baten atzaparretan harrapatuta, zikloiak eragindako kalteei aurre egiteko ahalmenik gabe bizirautera kondenatuta daude puertorricarrak.
Maria urakanak Puerto Rico uhartea hondoa jota utzi duela esatea ez dirudi exajerazioa. Nafarroaren tamainako lurraldean lau milioi biztanle –Gipuzkoaren jende dentsitate berdintsuarekin– biltzen dituen Karibeko uharteari zikloiak 8.000 milioi dolarreko kalteak eragin dizkio, 43 hildako, nekazarien uzta guztien %80 birrindu, biztanleen lautik hiru argindarrik gabe utzi, herritarrak hilabete luzez oinarrizko zerbitzurik gabe bizirautera kondenatu...
AEBetako agintariek presa handia dute independentistak zanpatzerakoan, 36 urte espetxean pasata maiatzean etxeratu den Oscar Perez Riverak ondo dakienez, baina uharteko jendeari laguntzea dagokienean patxadaz jokatzen dute: aste bete behar izan zuen Donald Trumpek Puerto Ricoz okupatzeko... eta nola okupatu! Munduari bira eman dioten argazki lotsagarrietan ageri da oligarka harroputza jende kaltetuei komuneko paper zorroak jaurtitzen.
Puerto Rico, ordea, Irma eta Maria iritsi baino askoz lehenagotik zegoen krisian amilduta, zorrek preso hartua, 74.000 milioi dolarreko zor publikoa batetik, zaharren pentsioak bermatzeko 49.000 milioi gehiago bestetik. Urakanaren ostean, The Intercep t hedabide aurrerazaleak zor publikooi etekina ateratzen dieten banku eta finantza erakundeetara jo du, ea Puerto Ricori laguntzeko prest dauden galdezka. 51 konpainietatik hiruk bakarrik eman dute laguntzaren bat kaltetuentzako, hiruren artean 1,25 milioi dolar.
Egun gutxiren buruan, ordea, hartzekodun taldeak Puerto Ricoko agintariei jakinarazi die prest zeudela zorra osatzen duten 74.000 milioietatik 150 barkatu eta gainerakoetatik batzuk birfinantzatzeko... zor berri gehiagorekin. Agintariek ezetz erantzun diete, ez duintasunagatik, baizik eta beren erakundeek mailegu gehiago beren gain hartzeko ahalmenik ez dutelako.
Zerbaitetarako balio izan badute zikloiok puertorricarrentzako izan da berriro munduan zenbait jendek oroitu dezan AEBek Karibean daukan kolonia honen drama , hurbiletik ezagututakoan zirrara eragiten duena. Ehun urteko morrontza kolonialaren azken emaitza baita, historiari erreparatzea komeni da.
Espainiak 1898an Kuba galdu zuenean –120 urte geroago espainiarren subkontzientean oraindik odola isurtzen duen zauria–, galdu zituen ere Filipinak, Guam eta Puerto Rico. Azken biok gaur ere AEBen eskuetan segitzen dute. Puerto Ricori 1952an eman zioten autonomia partzial bat, estatus bitxi batekin: sekula ez da independente izatera iritsi baina sekula ez da bihurtu erabateko AEBen osagai.
Puertoricarrek AEBetako nazionalitatea daukaten arren, ez dute parte hartzen lehendakariaren bozketan, bai ordea bizia arriskatu behar dute beraiek bozkatu gabeko lehendakarien gerretan. Hori bezain garrantzitsua da 1920an Washingtonek ezarritako Merchant Marine Act legea, arau kolonial bat Puerto Ricoko portuetan lehorreratzea debekatzen diena yankiak ez diren munduko itsasontzi guztiei. Uhartearen sal-erosketa guztiek AEBetako banderako ontzietan irten eta sartu behar dute, derrigorrean kontinenteko kairen batetik pasatuz. Berrikitan proposatu zenean debekua ezabatzea, itsas-konpainien lobbyak kanpaina gogorrez moztu zien bidea, horrek terrorismoaren aurkako gerraren garaiotan AEBen segurtasuna kolokan jarriko omen lukeela eta.
Puerto Ricon "Junta" batek agintzen du
CADTM zor publiko ez legitimoen auditoriarako elkartearen kalkuluetan , Puerto Ricoren zorra AEBetako beste estatu guztien bataz bestekoaren halako 10ekoa da. Zorpetze harrigarri horren oinarrian uhartearen izate koloniala datza. Alde batetik, itsas garraioa yankien esku uzteak ekonomia osoan duen eraginaren ondorioa.
Beste faktore bat da lekuko gobernuaren sarreren murrizketa, paradisu fiskal izatearen kalteak. Washingtonek erabaki zuenetik Puerto Rico erabiltzea finantz konpainientzako paradisu fiskaltzat, beren sosak bertara dakartzatenei zerga gabetze hirukoitza oparitzen die: ez diote zergarik pagatzen ez AEBetako gobernuari, ez Puerto Ricokoari eta ez udalei. Desoreka horien errematea ekarri dute 2008ko krisiak, turismoaren ahultzeak eta azken bi urteotan eskuineko agintariek herritarrei ezarritako austeritate neurriek.
CADTM erakundetik Pierre Gottiniauxek honela laburbildu zituen 2016an Puerto Ricoren kiebraren ondorioak: "Populazioak benetako krisi humanitarioa bizi du, txirotzearen eta berdintasun ezaren larritzearekin. Zientoka eskola kendu dituzte, ospitaleak itxi langile edo diru faltaz, AEB kontinentalera doazen gazteen kopurua laukoiztu egin da eta segurantza soziala lehertzeko zorian dago: jornalen jaitsierak kotizazioen jaitsiera ekarri du, honek diru-laguntzen murriztea... Puerto Ricon gaur haurren erdiak baino gehiago txirotasunaren mugaz behetik bizi dira".
Zor ez legezko hori nola pilatu den ikusteak erakusten du mugarik ez dutela bankuen eta finantza erakundeen ez diru-goseak eta ez diru publikoen lapurretarako sistema berriak asmatzeko ahalmenak. Puerto Ricok azken urteotan bere gain hartu duen zorraren erdia CAB Capital Appreciation Bonds deituetan kolokatuta dago. Bonoongatik administrazioak bankuei hasieran ez die ordaintzen interesik, hauek urtero kapitalean pilatzen doaz interes berriak gehituz... Amaierarako gertatzen da Puerto Ricok CABetan emititutako 4.300 milioi dolarrak denborarekin bihurtu direla 37.800 milioiko pagakizun... %785 interesetan!
Gaur ezin ordainduzko zorra biharko zor handiagoz estaltzeko teknika erabili da enpresa publikoekin ere. Hauek, San Joseko gobernuak daukan aipatu zor itzelaz gain, beste 134.000 milioi dolar gehiago zor dizkiete banku eta funtsei, eta horietatik 61,5 dagozkie aurreko zorren berfinantziazioei.
Pagatu ezinen eltzea lehertzeko zorian zegoela eta, 2016an Washingtongo agintariek kontrol kabinete bat sortu zuten, ofizialki Fiscal Control Board izendatu arren jendeak La Junta deitzen duena: Promesa izen probokagarria hartu duen legearekin, herritarrentzako murrizketa gehiago, administrazioaren argaltzea eta pribatizazioen ugaritzea ekarri ditu. Errezeta bera mundu osoan.
XXI. mendean kolonia izatea zer den jakin nahi duenak, begiratzea besterik ez dauka Puerto Ricoko ordena ekonomian agintzen duen Junta nork osatzen duen. Ahotsa bai baina botorik ez daukan Puerto Ricoko gobernadorearen ondoan, Banco Santanderreko bi buru, konpainien kiebretan berezitako aholkulariak, korporazioen abokatuak... Maria -k egindako hondamendia ez dute alferrik galduko esklaboak are gehiago zukutzeko. | news |
argia-afa7a3817225 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/lola-lopez-aniztasuna-aldarri.html | "Islamari erasotzeko egiten da emakume musulmanen eskubideen aldeko diskurtsoa" | Saioa Baleztena | 2017-10-22 00:00:00 | "Islamari erasotzeko egiten da emakume musulmanen eskubideen aldeko diskurtsoa"
Bartzelonako Udaleko Immigrazio, Kultura Aniztasun eta Dibertsitate zinegotzia da Lola Lopez (Galizia, 1957) antropologoa. Bizikidetzaren alde eta islamofobiaren kontra ibilbide luzea egin du Kataluniako hiriburuan, eta aurretik Kataluniako Ikus-entzuneko Kontseiluan (CAC) eta Zurrumurruen kontrako Sarean lanean aritua zen.
Bi hilabete pasa dira. Nola dago Bartzelona abuztuaren 17ko atentatuen ondotik?
Kontaktuan gaude komunitate musulmanarekin, baita diskriminazioaren kontra lanean ari diren elkarteekin ere, eta orain arte ez dugu izan atentatuaren ondoriozko erasoen berririk.
Bartzelonako Udalean lan anitz egin duzue bizikidetzaren alde. Nola eragin du atentatuak?
Sentsibilizazio lan ororen aurrean, oso zaila izaten da emaitzak noraino iristen diren neurtzea. Baina zalantzarik gabe, urte hauetan egin dugun lanari esker atentatuaren ondorengo erantzuna desberdindu da, dezente, Europan ikusi ditugun beste hirietako gertakariez. Esaterako, komunitate musulmanak manifestazio erraldoi bat antolatu zuen atentatuak gertatu eta egun gutxira, milaka eta milaka lagun bildu zituena. Garrantzitsuena da, komunitate musulmanaz haratago jende asko gehitu zela hitzordu hartara; bizikidetzaren argazki bikaina izan zen hura. Pentsa orain 2.000 lagun inguru ditugula diskriminazioaren kontra formatuta. Hala ere, eta erantzuna ona izan den arren, islamofobiaren haziaren kontra lan handia dago oraindik egiteko.
Desinformazio handia dago islamaz?
Islama ez da erlijio arau bat bakarrik, eta hori jende askok ez du ezagutzen. Jendeak ramadanarekin lotzen du islama, besterik gabe. Beraz, begirada desbideratu bat nagusi da erlijio horren inguruan; estereotipo negatiboak barra-barra zabaltzen dira, erlijioguztiek orokorrean, eta islamak zehazki, dituzten konplexutasunak ulertu gabe.
Islamaren estigma sustraitua dago. Emakume musulmanena are gehiago?
Generoaren islamofobia aitzakia bat da. Esango nuke emakume musulmanen eskubideen aldeko diskurtsoa defendatzen dutenen gehiengoak, islamari erasotzeko arrazoibide gisa erabiltzen duela bakarrik. Eta, era berean, generoaren islamofobiak erakusten du islamofobia zenbateraino dagoen sustraituta: askotan erabiltzen da alderdi ezkertiarren bitartez, izan feministak zein laizistak. Badirudi emakume musulmanez edonor mintzatu daitekeela eurekin hitz egin gabe.
Atentatuen ondoren biktimentzako omenaldia prestatu zuen Bartzelonako Udalak. Meza bat antolatu ordez, erlijio askatasunaren aldeko ekitaldi bat egin zenuten. Zergatik?
Mossoek bidali ziguten hil ziren eta zaurituak izan ziren biktimen zerrenda, eta jatorriak ikusita, agerikoa zen hor bazegoela sentsibilitate eta erlijio desberdinetako jendea. Beraz, omenaldi hark ahalik eta pluralena izan behar zuela ikusi genuen hasieratik. Atentatuaren ondotik gure erronka zen ahalik eta elkartasun handiena izatea aniztasunean.
Sarri begi txarrez ikusten da erlijio aniztasuna. Zuek norabide horretan ari zarete lanean.
Alderdi ezkertiarrek askotan nahasten dute laizismoa laizitatearekin. Hori da arazoa. Laizitatearen arabera, sekularizazio bat egon behar da erakunde politikoen eta uste osoko sinesmen erlijiosoen artean. Baina horrek ez du esan nahi erlijio askatasunaren oinarrizko eskubideak babestu ezin direnik. Beraz, gure ustez erakundeek ez dute erlijioa sustatu behar, baina gure ardura da hiritar fededunek euren sinesmenak era askean gauzatzeko baliabideak ahalbidetzea. Bartzelona eskubideen aldeko hiria den heinean, eskubide guztiak babestu behar dira, baita erlijio askatasunarena ere.
Atentatuaren harira eztabaida zabala sortu zen erasotzaileen profilari dagokionez. Biktimak izan ziren zure ustez?
Immolatzea erabakitzen duen edozein pertsona biktima da, bere garunaren garbiketarena bada ere. Gertatzen dena da gainontzekoak hiltzea erabakitzen duena biktimizatzea zaila egiten zaidala. Abuztuaren 17ko terroristak biktimak zirela irmoki baieztatzea zaila egiten zait. Baina argi dagoena da gazte horiekin gertatu zena ikusita ardura denona dela: erakundeona eta hiritarrona, autoktonoak eta musulmanak.
Hala ere, Bartzelonako atentatuetako egileen profila hagitz desberdina zen Europan gertatu direnekin alderatuta. Nola uler daiteke?
Normalean halako zerbait egitera bultzatzen duen ezaugarrietako bat gazteek bazterketa sufritu izanari lotuta dago. Kasu honetan euren inguruak argi eta garbi utzi zuen integratuta zeudela. Beraz, nik bi teoria ditut: edo ingurua oker dabil eta gazte horiek ez zeuden integratuta, edo gu, inklusio ezaugarriei dagokienez, oker gabiltza. Eta ausartuko naiz esatera bigarren irakurketatik gertuago sentitzen naizela. Alegia, bazterketa, lagun katalanak izatea, eskolan emaitza bikainak ateratzea eta bertako hizkuntza bikain hitz egitetik haratago iristen da. Beraz, ezinbestekoa da inklusioa baztertu eta egokitasun sentimenduaz hitz egiten hastea, halako gertakariak ez errepikatzeko. | news |
argia-753f887c64e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/katalunia-espainiaren-aukera.html | Katalunia, Espainiaren aukera | Itziar Bardaji Goikoetxea | 2017-10-22 00:00:00 | Katalunia, Espainiaren aukera
Hamaikagarren aldia da Espainiako Estatuaren izaera inperialista eta totalitarioa konstituzioaren atzean ezkutatzen ikusten ditugula PP eta PSOE. Itxurak besterik ez dira, izan ere, Espainiako Estatuan (mundu osoan ez bada) demokrazia hitz hutsa dela antzezlan honetako aktore guztiek ongi dakite. Guztiek. Espainiako ezkerrak ere bai.
Bere burua ezkerrean kokatzen duten espainolek, kontinente oso bat masakratu eta ustiatu zuen inperioaren eta frankismoaren oinordeko izateari utzi eta beste zer edo zer egiteko benetako gogoa badute, Kataluniak bizi duen zapalketaren aurrean badute giltza bat. Hau katalanen afera hutsa dela pentsatzea, eta elkartasuna parametro horietan ulertzea, akats bat da. Orain da garbia Espainiako Estatua zer den. Alderdi politikoak, komunikabideak, enpresa handiak eta bankuak eta Europar Batasuna; denak dira ageri bere benetako tokian erretratatuta. Orain da inperioaren zimenduak astintzeko momentua.
Baina non daude bestelako Espainia bat defendatzen dutenak? Elkarretaratze apal pare batekin konformatuko al dira? Gerra zibila irabazi zietenen aurrean, kronikoki galtzen jarraituko al dute?
Haiek gabe Katalanek jai dute. Eta euskaldunok, ere bai. | news |
argia-6a848df2e432 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/arima-sutsuak.html | Arima sutsuak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2017-10-22 00:00:00 | Arima sutsuak
Rock doinu indartsuak jotzen ditu Deus Ez taldeak, bizitasun eta energia handiarekin. Hainbatetan rock gogor ukituak antzeman daitezke kantuetan, eta melodiak ongi zaintzen dituzte. Rock alternatiboa delakoaren kutsukoak dira beren kantuak.
Beren lehen diskoa jadanik kalean dute. Grabazioa Iruñeko Drum Groove Studioan egin dute, Josu Ervitirekin. Teknikari lanak egiteaz gain ekoizle ere izan da, eta denen artean soinu mardula eta trinkoa gauzatu dute, ozena. Josu eta Eric abeslari eta gitarrista elkarrekin arituak dira, Eric Deza Group taldean, eta iaz First Step diskoa plazaratu zuten.
Deus Ez taldekoak inguruan ikusten dutenari buruz mintzo dira kantuetan, eta beren kezkak eta sentimenduak azaltzen dituzte: "Azal eder batez estaliak, barrutik usteldutako kantuak. Abesti alai hoiek, guztiz goibeltzen naute" ( Dohainaren ordaina ); "Horma altuak eraiki ditut kanpoan zer dagoen ez ikusteko. Irribarre atseginak prestatu ditut inork nire barnean begira ez dezan" ( Barrutik ); "Ez da iluntasuna ni beldurtzen nauena gaur, baizik eta argiak erakutsi dezaken guztia" ( Itzaletan ); "Nork irekiko dizkigu begiak aurrera egin ezin dugunean? Nork eskeiniko digu bere eskua lurretik jaiki ezin garenean?" ( Bi arima ); "Soberan genuen zama itsaslabarretik bota; suntsitu berriro sortzeko; begiak itxi, ikusteko" ( Argazkiak ); "Horrenbeste izan genuen baina hala ere, nahikoa ez al zen zuretzako? Urruti zauden leku hartan entzungo ote da nire kantuen oihu ozena?" ( Bilatzen ); "Bide okerrak beti izan dira nire gustokoenak. Alde onaren alde txarra da arduratzen nauena" ( Bide okerrak ).
Eric Deza (ahotsak, gitarra), Alex Etxeberria (baxua) eta Koldo Sagarzazu (bateria) dira taldekideak, Azkoitikoak eta Eibarkoak dira, eta 2016ko udaberrian sortu zuten Deus Ez taldea. Urtebete lanean buru-belarri aritu dira, entseatzen eta kantuak egiten, eta azkenik beren lehen diskoa irailean kaleratu dute. Taldekideen hitzetan, ilusio handiarekin jardun dute, bai entseatzeko lokalean bai grabazio estudioan, giro onean, suhartasun, gogo, grina eta kemen handiarekin eta hori nabari da kantuak entzuteko garaian, kantuek hori guztia transmititzen baitute. | news |
argia-66a169029e29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/amiantoaren-biktimek-konpentsazio-funtsa-izango-dute-40-urteren-ostean.html | Amiantoaren biktimek konpentsazio funtsa izango dute 40 urteren ostean | Andoni Mikelarena | 2017-10-11 00:00:00 | Amiantoaren biktimek konpentsazio funtsa izango dute 40 urteren ostean
Eusko Legebiltzarrak bultzatu du lege proposamena, aurreko agintaldian Gasteizko parlamentuan onartu ostean. PP abstenitu egin da eta gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman dute.
40 urteren ostean amiantoaren biktimen konpentsaziorako diru funtsa sortzea onartu du Espainiako Kongresuak. Orain arte, biktimak justiziaren bidea hartzera behartuta zeuden indemnizazioa jaso ahal izateko. Auzitegiak onartu behar baitzien gaixotasun profesional bat zela amiantoak eragindakoa.
Beste herrialde batzuetan urteak daramatzate indemnizaziorako funtsek martxan. Frantzia, Belgika eta Herbeheretan besteak beste. Frantziaren kasuan, 2001. urtetik amiantoaren biktimek konpentsazio funtsetik jasotzen dute indemnizazioa. Diru funts hau, %90ean gizarte segurantzak finantzatzen du. Estatuak berriz diruaren %10 jartzen du. Gizarte segurantzako atala, lan mutualitateko soberakinetatik finantzatzen da.
2016ko maiatzean, Eusko Legebiltzarra Espainiar Estatuko lehenengo instituzioa izan zen amiantoaren biktimen indemnizaziorako funts bat sortzea eskatu zuena. Momentu horretan ordea, onarturik zegoen lege proposamena ezin izan zuten tramitatu Espainiar Kongresuko mahaiak atzera bota baitzuen. Jon Aiartza (EAJ), Eva Blanco (EH Bildu) eta Gloria Vazquez (PSE) izan dira oraingoan Espainiako Kongresuan proposamena defendatu dutenak.
Amiantoa, aurreko mende erdialdetik 2001. urtera arte asko erabili zen industrian eta eraikuntzan, bere propietate fisiko kimikoengatik eta produkzio kostu baxuagatik. 2001. urtean debekatu zuten material horren erabilera. Espainia Estatuan, 1994 eta 2008 urteen artean 3.943 pertsona hil dira amiantoaren ondorioz eta hurrengo 20 urteetan honek eragindako gaixotasun kopurua handitzea espero da. | news |
argia-b0d4faa3b5b7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/edari-azukredunak-milaka-heriotza-goiztiarren-eragile.html | Edari azukredunak, milaka heriotza goiztiarren eragile | Joxerra Aizpurua | 2015-07-12 00:00:00 | Edari azukredunak, milaka heriotza goiztiarren eragile
Pertsona askok ohitura dute edari azukredunak maiz hartzeko, eta udan gainera areagotu egiten da kontsumoa. Baina kontsumo horrek ondorio larriak izan ditzake, AEBetako Kardiologi Elkartearen Circulation aldizkarian argitaratutakoaren arabera.
30 urtean bildutako ia 600.000 pertsonaren datuak aztertu eta gero, azterketaren egileek ondorioztatu dute munduan 184.000 pertsona edari azukredunen eraginez hiltzen direla urtero, horietatik 134.000 diabetesak jota, 45.000 patologia baskularrengatik, eta 6.450 minbiziak direla eta.
Edari mota horrengatiko hilkortasun tasarik handienak Mexikon eta AEBetan neurtu dituzte. Lehenean, 405 hildako milioi bat biztanleko; bigarrenean, 125.
Heriotzen %76 herrialde txiroetan eta garapen bidean daudenetan gertatu dira, eta gaixo gehiago dago gazteen artean adinduen artean baino. | news |
argia-31f4cbb9a056 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/pertsona-anitzak-eduki-aberats-baterako.html | Pertsona anitzak, eduki aberats baterako | Xabier Letona | 2015-07-12 00:00:00 | Pertsona anitzak, eduki aberats baterako
Nafarroako aldaketaren indarrek aurrera jarraitzen dute, poliki baina seguru. Joan den astean Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak gobernu programa adostu zuten eta hilaren 20an Nafarroako Legebiltzarrak Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari izendatuko du.
Adostutako gobernu programa asmo handikoa da, oso aurrerakoia eta landua. Bere alde ahula da berau gauzatzeko diru ahalmen handia behar dela eta sasoi hauek direnak direla. Batetik, gobernuek badituzte arau oso estuak zorpetze eta finantzazioari begira; bestetik, gizartean botere faktiko gisa aritzen diren eragile ugari eta goi eta klase ertainek ez dituzte batere begi onekin ikusten zerga igoerak; eta azkenik, eta zehazki Nafarroako Gobernuari begira, aurreko gobernuak dirutzak bideratu ditu jada hainbat azpiegitura proiektuetara.
Esate baterako, 18 edo 25 urtetik gorako herritarrentzat –adina erabakitzeke dago– oinarrizko errenta unibertsala aurreikusten da programan eta lehen sei hilabeteetan indarrean jarri behar da gainera. Gauza asko zehazteke dago, baina edozein eratan, milioi euro asko beharko da neurri hau bideratzeko.
Osasunean, etxebizitzan, kulturan, hezkuntzan, hizkuntzan, herri administrazioan, ingurumenean, berdintasunean, industrian… denean irakur liteke behar adinako finantzazio egoki eta duina bideratuko dela alor guztietara. Nola egingo den ez, ordea. Bai, diru bilketan ahalegin berezia egingo dela azpimarratzen da eta horretara bideratutako zerga erreforma ere iragartzen da, baina hemen nekez espero liteke miraririk epe motzera. Horrez gain, batek daki zein egiazko egoera ekonomiko topatuko duen Barkosek aginte makila eskuratzean.
Baina hori da bidea, zalantzarik gabe, sinesten dena paperera eramatea eta aurrera ateratzen saiatzea. Horregatik da anbiziosoa programa eta horregatik txalotu behar da lau indar desberdinen artean egindako lana eta ahalegina. Eta horregatik, lau indarrak gobernura aupatu dituzten gizarte sektoreek legealdian zehar oso adi eta zorrotz jarraitu beharko dute gobernuaren jarduera. Alderdiek asko zehaztu dute, eta horrek asko errazten du jarraipena.
Instituzioek egingo dutelakoan, halako aldaketetan izaten da gizartea desmobilizatzeko arriskua eta bai aldaketaren alderdiek eta bereziki gizarte eragileek ere, ardura bereziz zaindu beharko dute hori ez gertatzea. Nafarroan azken urteetan izan den gizarte eraldaketan oinarritu da aldaketa, eta berau elikatzen jarraitzea izango da gobernu berriaren arrakasta eta iraupenaren klabeetako nagusia.
Gobernu eraketa dator orain eta Uxue Barkosek eta Geroa Baik badute argi euren ikuspegia, baina kanpotik ez da hain argi ikusten. Gobernuaren ardatza eta bizkarrezurra Geroa Bairengan oinarrituko bide da; taifa erresumak gobernuan finkatu ez daitezen ez da ohiko koalizio gobernu bat izango; eta alderdietako egiturekin lotura handia duten pertsonak saihestuko bide dira. Gobernu teknikoaz hitz egin da, baina profil politiko sendoa nahi dela ere bai. Dakienak ulertuko du zertaz ari den Barkos, herritarrak izan ditzake susmoak, baina ikusi arte ez da samurra ulertzea horrek guztiak zer esan nahi duen eta, batez ere, nola gauzatuko den.
Lehenik edukian jarri dute ahalegina aldaketaren indarrek eta fruituek ematen dute esperantzarako tarte handia, beraz, hobe berdin pentsatzea gobernu eraketari dagokionez ere.
Edukiak, alabaina, pertsonek bideratzen dituzte eta ez da samurra pentsaera berdintsuko pertsonek –demagun gehienak Geroa Bairen ingurukoak–, oso proposamen zabala biltzen duen programa desberdinen artean bezala eramatea. Zer usaintzen da? Batez ere Geroa Baik EH Bildurekin duen duen mesfidantza. Ezkerrak nahiko argi adierazi du gobernuan egon nahi duela. Ahal Duguk, aldiz, ez duela egon nahi, nahiz eta batzarretan ahots ugariren aldetik aipatu den gizarte saila hartzeko gogoa. Eta EH Bilduk ere argi adierazi du egon nahiko lukeela.
Egia da desberdintasuna kudeatzea ez dela samurra, baina horretan asmatzen duen enpresa, eskola, elkarte... edo gobernuak bestelako sendotasuna eta emaitzak ditu. Pena litzateke edukian lortutako emaitza aberats hori ez islatzea gobernuaren osaketan. Pluraltasuna gizartean balore gisa saltzeko erarik egokiena da norbera pluraltasunaren kudeaketan buru-belarri murgiltzea. | news |
argia-cee499011e05 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/amets-gaizto-bat-izan-dut.html | Amets (gaizto) bat izan dut | I�aki Odriozola Sustaeta | 2015-07-12 00:00:00 | Amets (gaizto) bat izan dut
Oso pesimista nabilela azken aldian esaten dit emazteak, denari ateratzen diodala azpialde ilun bat. Bide onetik doa esaten duenarekin, baina ez nago, ez, pesimista, eszeptiko baizik, eta hori ez dakit txarragoa ez ote den.
Norbaitek gure bizitza eraldarazi du azken urteetan, ustezko oparotasunetik ustezko krisi garaira iragan garela sinestarazi digute, krisi hori gure bizkarraren gain jarriz, eurek etekinak ateratzen jarraitzeko aldaketa estrategikoak egin dituzten bitartean.
Orain, azken hamarkadetako produkzio eta lan moduak birrindu dituztenean, berriz ere, hasi dira datozen hamarkadeetan garaile izango den sistema eraikitzen. Garbi dute egin beharrekoa, eta boterea, legeak, estatuak eta komunikabideak, gainegitura osoa euren alde. Eta kapitala, hori egiteko.
Guk, ordea, langile eta hiritar arruntok, pentsatzen dut, ez dugu ezer ikasi. Ez dakigu ere nondik nora joko duten. Merkatua ia geldirik egon den bitartean gu ere ia geldirik egon gara, eta orain, produkzioa, kontsumoa eta hazkuntzaren zurrunbiloan murgilduko gaituzte, ea nork, besteak zapalduz, lana lortzen duen, negozioa eraiki, beti ere aberastu nahian. Gehiengoak lortuko ez duguna.
Azken urteetan esan eta lortu nahi genituenak, eskubide sozialak, merkatu eremuak murriztea, oinarrizko soldata, berdintasunera hurbiltzeko zergak, ama lurra zainduz elikadura ekoiztea, energia xahutzeari uztea, hondakinak berrerabilgarri egitea, gutxien dutenei edo gizartetik at daudenei laguntzea; borondate onak eraginda esan ditugunak ahaztuko zaizkigu, eta, nor bere kontuetara, denok ordu estrak sartzen, etxeak, arropak, kotxe elektrikoak, eta tresna teknologiko berriak erosten hasiko gara, horretarako bankuetan kredituak eskatu, eta lehen bezain menpekoak izanez.
Ez hori bakarrik, ustezko demokraziaren azpitik azaldu diren diktadore ekonomikoak ezkutatzen joango dira, eta itsuturik, ez gara konturatu ere egingo sistemaren aldeko alderdi politikoak bakarrik agindu ahal izango dutela, gizartearen estabilitatea ziurtatuz, alde bakarretik joan ahal den jendarte morroiaren bidean. Eta apolitikoen talde handia sortuko da, aginte horren neutraltasun lelokratikoak hala bideratzen duelako, neutralizatu gaituztelako, berez.
Eskerrak esnatu naizela lozorrotik, eta Tsipras ikusten dudala greziar hiritarrei galdetu nahi diela esaten. Argi izpi bat, nire eszeptizismoa zalantzan jartzeko. Ordu erdi batean. | news |
argia-9bef6d2f5438 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/80-urte-aparkalekua-ordaintzen.html | 80 urte aparkalekua ordaintzen | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-07-12 00:00:00 | 80 urte aparkalekua ordaintzen
Oklahomak (AEB) hazkunde ikaragarria izan zuen 1930eko hamarkadan, petrolioari esker. Automobil parkearen hazkundea are ikusgarriagoa izan zen, erregai merkearen eskutik: hamarkada eskasean 3.000 auto izatetik milioi erdiraino iritsi zen konderria. Oklahoma Hirian zirkulatzea eta, batez ere, aparkatzea, geroz eta zailagoa zen. Orduan, hiriko Merkataritza Ganbarak Carl C. Magee abokatu eta enpresa-gizon arrakastatsua izendatu zuen Trafiko Batzordeko presidente. Arazoa konpontzeko parkimetroa asmatu eta patentatu zuen Mageek; 1935eko uztailaren 16an jarri zituzten lehenengo hamalau gailuak hiriko kaleetan. Parkimetroak onddoak bailiran ugaldu ziren berehala.
"Publikoak gustuko ditu", esan zuen orduan The Oklahoma News egunkariak azken mendeko asmakizun gorrotatuenetarikoari buruz. Egunkariaren jabea Carl C. Magee bera zen. | news |
argia-ae6804d26ca6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/bi-urtetako-kronika-fakultatiboa-2012-2014.html | Dena dela | Igor Estankona | 2015-07-12 00:00:00 | Dena dela
Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)
Joan Mari Irigoien
Elkar, 2015
Berri bat eman gura digu Joan Mari Irigoienek bi urtetako kronika poetikoa eginez; bizitza badela disartria ere, hor dagoela jakin bai baina ikusten ez den gaixotasun kronikoa ere bai, eta are ezereza bera.
Hunkigarria, umoretsua, apalik ausarta, Joan Mari Irigoien ikusi dut Euskal Idazleen Elkartera sartzen bere zapiarekin eta ile zuriak aire girotuaren hari ikusezinetan eta, ikusi dut nola agurtu duten bulegokoek, ze agurtu ohi zuten benerazio eta halako nahitasun batez, non poemok irakurtzean ez dudan penarik sentitu: munduko gizonik indartsuenari jazarri zaio gaixotasuna. Delikatuki indartsua, inondik ere: "Baina badakizu nire artasun-neurriaren berri… / eta nola ibiliko naiz, bada, / ez dudanaz alardea egiten?".
Hala bada , esan zuen Irigoienek barruntatzen zuen berria entzun zuenean: esklerosia. Eta hori abiapuntu, egin du urte biko kronika bat loratu egiten dena udaberriko hostorik gabeko okarana bezala. Liburu honek balorea dauka bere horretan, baina gainera finezia batez idatzia dago umore bihurtzen duena astuntasuna, eta umorea, berriz, lirika: "Herriko plaza jendez gainezka dago, / baina zu inoiz baino bakarrago sentitzen zara, / larriminak erbesteratua, / eta ero batek bezala egiten duzu oihu: // Arren eta arren: nork emango dit serotonina-lore bat…? ".
Beraz lezio bat ere bada Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014) , eta irakurri ahala gogoeta egin dezake irakurleak giza kondizioaz, denboraren joanaz eta zelulen itzaltzeaz, heriotzaren etikaz. Ideiak ordenatu nahiko balitu bezala, bere buruari galdetzen dio boluntarismo hutsaren eta halabehar gordinaren artean ba ote den zerbait humanoagoa. Zelan egin ihes minari, inkontzientzian erori barik? Oreka horren bilaketan ditu lagun aipatu dugun umore ironiko leuna eta eusteko determinazioa.
Iluntze honetan goiz bat dena izatez, Irigoien harrapatu dugu gauzei ostera ere begira-begira, une bakoitza lotzen eta harilkatzen benetan axola duten maindireak ikusteko: "Urte luzetan izan naiz idazle / eta idazle izaten jarraitu nahi dut, / ahal bitartean…". Liburuko azken atalak dioen moduan, aski modu prosaikoan baina karga guztiarekin, bizitzak aurrera darrai . Eta esaldi single horrek esanahi osoa hartzen du bere ezpainetatik entzutean, artean Altzako zementuaren azpiko errekak betiko lez itsasora egiten ari direlarik. | news |
argia-50a82c2a8b4f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/doktoretza-tesi-baterako-gaia.html | Doktoretza tesi baterako gaia | Jon Mintegiaga Oiarbide | 2015-07-12 00:00:00 | Doktoretza tesi baterako gaia
Xabierrek 19 urte daramatza espetxean, beti lehen graduan, oso urrun. Kalean zuen neskalagun berarekin jarraitzen du eta 40 urteak pasata dituztelarik ez dirudi beren harremanetik kimu berririk sortuko denik. Azken urteetan vis a vis ak burutzeko izan dituzten zailtasunak ez die batere lagundu, epe motzean egoerak ez zuela irtenbiderik izango barneratu ostean, erlojuaren aurkako borrokan umeak ekartzeko hartu zuten erabakiari. Etsiturik, antsietateaz, harremana mantentzen dute.
Gorka ere Xabierren adinaren bueltako da baina egokitzen zaion zigor luzearen lehen urratsetan dabil oraindik. Neska laguna espetxean egin du. Bere moduluko kidea bisitatzera etorritako lehengusinari begia bota zion, hari berriz grazian erori zitzaion eta lehengusua normalean baino gehiagotan bisitatzen hasi zen egiatan Gorka bisitatzeko. Gutun apasionatu eta opari nerabeak gurutzatu ondoren, vis a visa gozatzen hasi ziren, denborarekin bikote bihurtuz.
Aitor gaztea da eta bere harremana bezala ondu gabea. Hezurretaraino maiteminduta egon gabe atseginez hartzen du kalean jadanik neskalaguna zuenaren bisita. Maite du, bizitza handia ematen dio. Beste bideak ez ditu baztertu erabat ordea; gutunez lardaskan dabil aspaldiko amorante batekin.
Andonik ez zuen bikoterik harrapatu zutenean. Bisitan etortzeko lagunen zerrendarekin batera herriko neska ugari lagun bezala vis a vis etara etortzeko prest zeudela esan zioten etxekoek. Zalantzaz, gehien preziatzen zuenaren partez tarteka liatu izan zen militante politikoa hautatu zuen, eta "gerlariaren atsedena" goxatzen dion txorta-laguna dauka.
Joxek bi ume ditu, koxkortuak, espetxe zigorraren gainean zama handitzen diotenak. Larunbat eguerdira arte luzatzen diren amaren lan ordutan aitona-amonek betetzen dute haren falta, ez gutxitan, vis a visak igandetan eskatu beharrean izaten direlarik hilean bizpahirutan, atseden egunak aprobetxatuz.
Asierrek espetxera sartu orduko neska ezezagun baten gutuna jaso zuen. Bere atxiloketa mediatikoan maiz azpimarratu zuten mendizale eta eskalatzaile trebatua zela eta hura ere zalea zenez aitzakia harekin idatzi omen zizkion animoak bideratzeko lehen lerro haiek. Denboran, bikote harremana hastea pentsatu zuten eta egun, familia osatzeko erabakia hartua dute.
Ainhoak … Ainhoak ere badu bikotea, Joxe, beraiekin batera atxilotu zuten militantea. Bolada batean geografiako punta banatan atxikiak izan ondoren behin ezkon paperak sinatuta espetxe berean elkartu zituzten. Astean behin, kristala tarteko, 40 minutuko bisita dute. Vis a vis a hilero.
Ez da bereziki begi zorrotza izan behar euskal presoen bikote ereduez jabetzeko. Gehien gehienean heterosexuala eta jendarte patriarkarrak markatua, emakumezko euskal presoek apenas kaleko bikoterik duten.
Bestela esanda, beren burua independentista, sozialista eta esplizituki feminista kontsideratzen duen mugimendu hartako gizonezkoak, salbuespenak salbuespen, ez daude prest milaka emakumek hartutako konpromiso berdinari eusteko. Horrek, zer pentsatua eragiteaz gain, doktoretza tesi baterako ematen du.
* Oharra: Argia.eus webgunean, Txabolotik blogean daude irakurgai artikulu hau eta egilearen gainerakoak. | news |
argia-7e1f9a388a86 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/lotik-harago.html | Lotik harago | Jakoba Errekondo | 2015-07-12 00:00:00 | Lotik harago
Lo-belarra deitzen zaie bi ahizpei: Papaver rhoeas eta Papaver somniferum . Lehenak izen ditu, baita ere, ansalakuerda, asunkuerda, kukurruku, melingorri eta mitxoleta. Bigarrenak loerazlea, loeragilea eta opio-belarra.
Lehena labore soroetan nahasia ikusten zen lehen, baita hondartza inguru naturaletan ere. Bietatik desagertzen ari da: inguru naturalak etengabe hondatzen ari gara eta nekazaritza gero eta industrialagoak gero eta soro txiroagoak dakartza.
Bigarrena ikustera ez gaude ohituta. Lorategi berexiren batean akaso... Han-hemenka, ordea, soroka opio-belar ere topa dezakezu. Argazkikoa Arabako Beranturi edo Berantevillakoa da. Honelako gero eta gehiago ikusiko dugulakoan nago. Opioa sortzeko baliatzen da. | news |
argia-214afbb025ec | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/erreferenduma-grezian.html | Irrintzi bat entzun da Europa zaharrean: "Oxi" | Pello Zubiria Kamino | 2015-07-12 00:00:00 | Irrintzi bat entzun da Europa zaharrean: "Oxi"
Greziako herritarrek gehiengo handiz ezezkoa eman ondoren herrialdearen zor erraldoia kudeatzeko Troikak agindutako planari, ur nahasietan murgildu da Europa osoa. Jokoan daude –garrantzi geopolitiko berezia daukan Greziak euroan eta Europar Batasunean jarraitzeaz gain– austeritate neoliberala eta Europaren barne egituraketa gardenagoa.
Lurrikara Grezian, tsunamia Europan. Europako Batzordeari, Europako Banku Zentralari, Nazioarteko Diru Funtsari eta Euro-taldeari Oxi esan diote gehiengo handiz greziarrek eta Europa gazterik zaharkituaren zureriaren habe nagusiak printzatu dira Grezian.
2008ko krisitzarraren ondoren austeritatea errezetatu zuen Europan agintzen duen Troikak. Espainiak obeditu du. Irlandak obeditu du. Italiak burua makurtu du. Greziak ezetz esan du, bost urtetan erremedioaren kalteak nozitu ondoren.
Enric Juliana kazetari katalanak aurretik abisatua zuen. "Grezian baiezkoak irabazten badu, benetako ordena bortizki berresten ikusiko dugu. (...) Europako Batzordearen egoitza den Bruselasko Berlaymont eraikinaren goi-goian iragarki argidun bat piztuko da dioena: ' No se puede '. Ezezkoak irabaziz gero, sare sozialek oihukatuko dute ' Sí se puede ', negoziaketak norabide zalantzatsuagoa hartuko du eta nabarmenagoak izango dira Barack Obamak, Atenas Moskura hurbiltzeko tentaldietatik urruntzearren, egindako presioak. Oxi agertokian, Syriza bihurtuko da inperio berriaren josturak nabarmenki aldatzeko ametsa duten ezker berrien erreferente garbia".
Eta hona gu, europarrok, Oxi agertokian. Beldurraren kanpainak ez du funtzionatu. Ortodoxia neoliberalaren formula guztiak irentsirik herrialdea txirotasunera erortzen ikusita, miseriaren erdian bizilagunek elkarri lagunduz bizirauten bost urtez derrigor entrenatuta, azken asteko corralito -ak gehiago balio izan du greziarrak haserretzeko, beldurtzeko baino.
Ezer ez da izango berdin Europan Greziako erreferendumaren ondoren. 2008ko krisi handia eta Europaren egituraketa neoliberala europarren interesguneetan kokatu dira. "Murrizketa gehiago ez, erreforma errealak bai, hori bozkatu dute greziarrek" esan zuen igandean Europako ezkerraren izar nagusietakoa bihurtu den Yanis Varufakisek.
Denok ikasi dugu asko kanpaina honetan. Nagusiki, Stiglitz eta Krugman bezalako ekonomialari ortodoxoek ere argiki salatua: Europako banku pribatu handiak salbatu ditugula, horiek Greziako politikariak bultzatu ostean herrialdea zorretan leporaino sartzera, kobratzeko estutasunak iritsi zirenean arrapaladan lortu dutela beren sosak segurtatu eta kobratu ezineko mailegu itzelak zor publiko bihurtzea.
Oraindik pisu handia daukan arren establishmentak zabaldu duen "alemanak langile, greziarrak alfer" irudi sinpleak, gero eta europar gehiago jabetu dira greziarrez gain kontinente osoa bizi dela banku handien eta horiekin ate birakarien bidez lotutako politikarien erabaki okerren gatibu, diru bero errazeko urteetako astakerien pagatzaile.
Termopilak 2015
Katarsis giroan bizitu ditu Greziak asteok. Panagiotis Grigoriou antropologoak Greziatik idatzi du bere blogean: "Gerra bat da hau, ziurrenik azkenekoa demokrazien hilketa behin betikoa eta atzera bueltarik gabea gertatu aurretik. Greziarron borrokaren mamia da Europako demokrazien eta gizarteen hiltzaileak neutralizatzekoa. (…) Etorkizuneko historiagileek aipatuko dute Alexis Tsipras politikari gazteak ongi asmatu zuela bere herriari benetako galdera aurkeztean, nahiz eta beranduegi eta ez osorik".
Syrizak lortutako balentriak liluratu ditu ikuskatzaile epelenak ere. The Guardian eko John Hooperrek txiokatu zuen Atenastik, artean botoak kontatzen ari zirela, Termopiletako guduaren remake baten usaina zegoela: "300 espartarrak armada pertsiarrari aurre egiten, baina Xerxesen papera Angela Merkelek eginez". David gailendu Goliathi, esango zuen besteak. Baina hori igande gaua baino lehen zen.
Orain mahai gainean dago Greziaren zorra, zati handi bat bederen, barkatu beharra. Atenasko agintariek benetan nahi eta espero baldin bazuten 300.000 milioi euroz goitiko zorraren zati bat kitatua izatea, eta horretarako deliberatu badute NDFrena ez ordaintzea –lehenago Ekuadorrek edo Argentinak egin moduan–, orduan ondorio guztiekin ekin beharko diote gurutze-bide gogorrari. Inork ez zion esan Alexis Tsiprasi Grezia zorpera eraman zuten oligarka eta politikariak –europarrak bezala greziarrak– bidera loreak eskainiz aterako zitzaizkionik.
Historiarako zizelkaturik utzi du Tsiprasek: "Denok dakigu soluzio errazik ez dagoela, baina soluzio justuak badaude". Baina gudu epikoaren bizarrak eta eskuak kiskali behar izan ditu. Garaipenaren biharamunean Yanis Varufakis ministro-totemak bere lepoa eskaini die Europako aginte faktikoei.
Laster entzungo dira eroritako buru gehiagoren zaratak. Merkel beraren irudia oso ahulduta geratu da. Der Spiegel ek uztailaren 3an analisi hau plazaratu du: "Angelaren errautsak: honela huts egin die Merkelek Greziari eta Europari".
Geopolitika karta baliagarria izango zaio Atenasi Europako Troikaren zepotik ihes egin nahi horretan. Funtsean, Moskuko gobernuarengana hurbiltzea. Ez da Errusia kristau ortodoxoa berdin ikusten berlindar luteranoen begietatik… edo gehiengoz oraindik ortodoxoak diren greziarren begietatik.
Greziak garrantzia dauka OTANen eskema barruan. Noiz eta Errusiarekiko tentsioa handia denean oso nabarmen Ukrainako gatazkagatik, baina era lausoago batean OTANek biltzen duen eremuaren ekialde osoan. Turkia Siria eta Irakeko sute islamistan harrapaturik. Paradoxikoki, Barack Obamarengan solaskide adeitsuagoa aurkituko dute Syrizako agintariek Europako buruetan baino, François Hollande bezalako sozialdemokratak barne.
Berriz hasteko aukera?
Syrizaren gobernuak sei hilabeteotan lortu du europarrei ahaztu araztea Greziak daukan barne mamu bortitz bat: ultraeskuin faxista. Sartu ote du Europak bere kalkuluetan? Orain Syrizak huts egiten badu Grezia putzu zulotik pixkanaka ateratzeko kudeaketan, mamurik beldurgarrienak daude ate gibelean agintea hartzeko prest. Italiaz kanpo, Europako beste inork baino latzago pairatzen duten etorkinen krisiak ere jokatuko du bere papera piztia beltza iratzartzen baldin bada.
Europar Batasunaren egituraketa eskasa agerian utzi du Greziako zorraren krisiak. Herritarren burujabetasunaren gainetik teknokraten agintea nagusitu dela. Berrikitan Manuel Castellsek "teknodiktadura" deitu zion. Yanis Varufakisek negoziaketaren zertzeladak kontatzean agerian utzi du kontinentearen buruzagitza ekonomikoa daraman Eurotaldea formalki existitzen ez den eta paperean finkatutako araurik gabeko erakunde bat dela. Oxi eta gero, agendan dago Europar Batasuna goitik behera berrantolatu beharra.
Euroa, herrialde europarren zor itzel handiak, ekonomiaren gaineko kontrola, Eurotaldearen funtzionamendu iluna, krisia gainditzeko austeritatea, OTANen egitura militarra eta bizilaguna dugun Errusiarekiko harremana.... Agian lan handiegiak elite alferregi batentzako?
Europako eliteek eduki baitezakete, biderik laburrena hartuz, Grezia eurogunetik kanporatzeko tentazioa. Batik bat Alemanian sortu duten giroarekin, establishmentak negoziaketa berriei ekin eta Europako zorren kitatze handiak mahairatzeko adorea beharko luke.
Greziarrak gerrako ekonomian bizi dira hilabeteotan. Bestelako gerra odoltsuagoak sortzeko beldurragatik irtenbide burutsuak saiatu beharko lituzkete gure eliteek. | news |
argia-fa75a8f24592 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/bonberenea.html | Su tresnak gorde nahi dituzte piromanoek | Igor Agirre | 2015-07-12 00:00:00 | Su tresnak gorde nahi dituzte piromanoek
Bonberenea gaztetxearen etorkizuna kolokan dago zazpi urteren ondoren. Makroproiektu urbanistiko batek mapatik ezabatu zuen Tolosako kultur faktoria eta plana atzera bota badute ere, bertako gazteek ez dute jaso oraindik egin dituzten eskakizunen erabateko erantzunik erakunde publikoetatik. Etxearen etorkizuna bermatu nahi dute urbanistikoki eta juridikoki.
2007an jarri zuten martxan Tolosako Bonberenea gaztetxearen Bonberenea Sutan kanpaina aldarrikatzailea. Gaztetxearen etorkizuna zalantzan ikusi zuten orduan bertako gazteek, eraikina dagoen auzoan 1.140 etxebizitza eraikitzeko makroproiektu urbanistikoa diseinatu baitzuen udalak. Proiektu horrek Tolosako San Esteban auzoaren izaera aldatu eta Bonberenea mapatik ezabatzen zuen. Ordutik aurrera, Bonbereneako kideek "piromano" izena jarri zioten beren buruari eta 10.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte mugimenduaren alde.
Hemezortzi urte beteko ditu abenduan Bonbereneak eta ezegonkortasun egoera salatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte orain arte gaztetxeko piromanoek: kalejira erraldoia Tolosako erdiguneko kaleetatik, lau musika jaialdi eta hitzaldiak, besteak beste. Azken hauei ere "piromanoen deialdia" deitu izan diete eta ekainaren 12an egin dute azkena. Bertan, udal gobernu berriari etorkizunerako eskakizunak plazaratu dizkiote.
Gobernu aldaketa izan zen Tolosako udalean 2011n eta ordura arteko proiektua kolokan jarri zen. 2013an prozesu parte-hartzaile baten bitartez aurretik diseinatutako makro proiektuaren oso bestelako eraldaketa urbanistikoa hautatu zuten auzoko bizilagunek. Prozesu horretan Bonberenea eraikina mantentzea erabaki zuten.
Maiatzeko udal hauteskundeetan, berriro ere, aldaketa egon da Tolosako udalean eta bizilagunen hautua errespeta dadila eskatu dute publikoki Bonbereneako kideek. Horrela, etxearen etorkizuna urbanistikoki eta juridikoki bermatzea nahi dute gaztetxeko partaideek, bere izaera eta etxearen kudeaketa independentea errespetatuz.
Azken lau urtetako balorazioa egiterakoan, ordea, ezin izan dute baikor agertu. Izan ere, etxearen etorkizuna oraindik ez dago bermatuta. Ez dute nahi Bonberenearen etorkizuna aldian aldiko gobernuaren menpe egotea eta erakunde publikoei dei egin diete beren aldarrikapenei behin betiko erantzuna emateko.
Hala ere, azken legealdian aurrerapausoak egon direla aitortu dute: "Txalotu egiten dugu azken lau urteetan egon den gobernuak Bonberenea mapatik ezabatzen zuen plana atzera bota izana", adierazi du Bonbereneako kide Juantxo Arakamak mugimenduaren izenean. Horrela laburbildu dute 2011tik orain artekoa: "Pausoak eman dira norabide egokian baina ez gara helmugara iritsi". Bonberenea kantuaren estrofa bat moldatuz amaitu du aldarrikapena Arakamak: "Olatz entzun gure esana, asko eskatzea ez bada".
EAJ alderdiko Olatz Peon da Tolosako alkate berria. Peonek Tolosaldeko Ataria k eta 28 kanalak antolatutako hauteskundeetako debatean Bonbereneako kideen galdera erantzun zuen publikoki. 2011. urtera arte gobernuan izan zen taldean zegoen oraingo alkatea eta orduan, Bonberenea ez zutela mapatik ezabatu adierazi zuen, Bonbereneakoek esandakoa gezurtatuz. Horretaz gain, etorkizunean Bonberenea "auzoko plangintzan mantendu behar dela" erantzun zuen Peonek, "udalak zaindu eta lagundu egin behar du Bonberenea".
Piromano izateko hiru modu desberdin
Bonbereneako kide Juantxo Arakamak aurkeztu du azken piromanoen deialdia. Berarekin batera oholtza gainean izan dira Javier Arrizibita eta Natalia Garmendia tolosarrak eta Fermin Muguruza musikaria. Gaztetxearekin duten loturaren inguruan hausnartu dute hiru gonbidatuek.
Javier Arrizibita sukalde lanetan laguntzeko sartu zen lehen aldiz Bonbereneara, "lan asko egina zegoen ni hona sartu nintzenerako". Gaur egun, bi haurren aita da eta semeetako batek Bonbereneako txarangan jotzen du. "Saxofoia ikasten hasi da eta Bonbereneara etortzen da beste gaztetxoekin batera ikasten jarraitzera". Lasaitasuna ematen dio Arrizibitari bere semea Bonbereneara etortzeak, "beraientzat jolas-parke baten modukoa da hau".
Humus taldeko abeslari Natalia Garmendiak Bonberenea martxan jarri aurreko egoera ekarri du gogora oraingo belaunaldientzat: "Nik ezagutu nuen Bonberenea gabeko Tolosa; Tolosa leku tristea zen orduan kulturalki eta musikalki". Lanaren bitartez iritsi dela Bonberenea gaur egunera azpimarratu du Garmendiak, "hemen lana eta bihotza dago, baina batez ere lana".
Humus bezalako taldeei Bonbereneak ematen dien babesa ez du ahaztu Garmendiak, "gauzak ongi eta modu profesionalizatu batean egiteko aukera dugu hemen". Diskoak grabatzerakoan "proiektuaren kontrol guztia du taldeak Bonberenean, eta hori ez da toki guztietan gertatzen", azaldu du.
Fermin Muguruzak Bonberenearekin eta Tolosarekin duen lotura aspalditik dator. Tolosan euskaldundu zen Muguruza eta bere musika ibilbidean hainbat hitzordu izan ditu gaztetxean, lehen aldiz duela hamar urte jo baitzuen. "Hainbat kontzertu, kolaborazio eta grabaketa egin ditut hemen. Gainera, nire taldearekin jo dudan azken kontzertua Bonbereneako futbol zelaian izan da, Bonberenea Sutan jaialdian". Bi urte pasa dira ordutik eta mehatxua oraindik hor dago. "Amodioz defendatuko dugu Bonberenea, baina beharrezkoa bada, amorruz ere bai" gaineratu du Irungo musikariak. | news |
argia-bf2e26c74bba | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/uxue-barkos-berruezo.html | "Gehienak abertzale ez diren gizartean presidente abertzalea izanen naiz" | Reyes Ilintxeta | 2015-07-12 00:00:00 | "Gehienak abertzale ez diren gizartean presidente abertzalea izanen naiz"
Uxue Barkos, laster Nafarroako lehen presidente euskalduna.
Giro euskaldunean hazi zinen?
Aitaren familia Caparrosokoa zen eta amarena Tafallakoa, baina gurasoen etxean giro abertzalea egon da beti aita abertzale sutsua zelako.
Zu eta zure anai-arrebak izan zineten Iruñeko lehen ikastolan ikasten zuten haur arraro haietakoak?
Bai. Oso arraroak ginen. Hiru urterekin sartu nintzenean ikastolak oraindik ez zuen San Fermin izena. Oso garai polit eta gogorrak izan ziren.
Duela gutxi La Chula Potrari irakurri nion nitaz pentsatzen zuena Monederori [Juan Carlos, Podemoseko idazkari ohia] zuzendutako artikulu batean. Oso gauza politak esaten zituen, baina San Fermin ikastolako burgesitoez mintzo zenean argi ikusten da jende askok ez dakiela zeinen ausartak izan ziren guraso haiek. Egoera ez zen batere erraza izan eta gogor jokatu behar izan zuten. Gure gurasoen jarrera ikusita, nik uste dut erresistentzia demokratikoaren giroan bizi izan garela politikoki. Eta gu bezala beste asko ere bai. Haiei zor diegu gu euskaldunak izatea.
Kazetaritza zergatik aukeratu zenuen?
Oso gazte erabaki nuen kazetari izan nahi nuela. Aitari ez zitzaion batere gustatzen, baina nik oso garbi neukan. Gurea ofizio bat da, ofizio ederrena García Márquezek zioen bezala.
Zuzeneko komunikazioa da gehien maite duzuna?
Irratia eta telebista dira betidanik gustatu izan zaizkidanak. Telebistan albistegiak eta irratian elkarrizketak. Elkarrizketak telebistan egitea zaila iruditzen zait. Hain artifiziala denez kosta egiten da konplizitatea lortzea. Aurrekoan Julian Iantzirekin izan nintzen Nafar Telebista hasiberrian, eta biok bakarrik geundela, kameralaririk ere ez zegoela ikusita… ui! Oso arriskutsua izan daiteke, asko askatzen zarelako, gehiegi agian.
Izanen zara kazetari?
Bai. Nik EITBn daukat plaza. Ulertzen dut albistegietara itzultzea oso zaila izanen dela, baina beste zerbaitetan, zergatik ez? Politikariei elkarrizketak egitea, adibidez, gustatuko litzaidake.
Politikarako jauzian kazetaria izatea lagungarri suertatu zaizu?
Lagungarria batez ere beldurra kentzeko orduan eta baita mezuak labur eta zehatz aditzera ematerakoan ere. Horraino besterik ez.
Eta zer titular aterako dizuten asmatzeko?
Ez pentsa. Ez duzu beti asmatzen.
Politika gogorra da?
Bizitza da gogorra. Aitari asko gustatzen zitzaion politika. Agian berari zor diot kazetaria izatea. Kazetaritzan ere une oso zailak bizi izan ditut. Gogoratzen dut, adibidez, Miguel Angel Blancoren atentatuaren ostean, 1997an, nola EITBn hasi ginen estatuko hainbat tokitatik deiak jasotzen. Esaten ziguten gu ETAkideak ginela, Ertzaintzak telebistaren egoitza husten zuen bitartean, granada jaurtigailu bat gure aurrean jarrita omen zegoelako.
2003an politikara salto egin zenuenetik zeintzuk izan dira une gogorrenak?
Nafarroa Bai apurtu zenean.
Eta kongresuan eta udalean kobratutako dietak eta ondarearen inguruko salaketak?
Halako eraso mediatikoetan gurasoak ikusten dituzu sufritzen batez ere. Egia esan, nire familiak orain arte ongi eraman du eta ez naiz batere damutzen.
Bi tokitan aldi berean egotearen esperientzia nolakoa izan da?
Erokeria.
Berriz eginen zenuke?
Ez. Lan gehiegi izan da. Baina egia da konpromisoa hartzen baduzu bukatu arte egon behar duzula.
Nafarroa Bairen desagerpena, 2011n, atzerapauso handia izan zen?
Bai, oso tristea izan zen, batez ere orduan, gaur bezala, espazio politiko hori existitzen dela ikusi baikenuen.
Nondik heldu da nafar abertzaleen erresistentziarako indarra?
Jende askok uste du guk hartutako lekukoa hurrengoei pasa behar diegula eta horretarako hizkuntza da ardatza. Gure ikurriñarik ederrena euskarak izan behar du eta hortik aurrera gauzak demokratikoki aldatu.
Niretzat euskara ezinbestekoa da. Madrilen geundela Xabier, gure semea, hango ikastetxe batean hasi zen hiru urterekin. Ordura arte gure arteko harremana euskaraz izatetik erdaraz izatera pasa zen. Nik izugarri sufritzen nuen. Senarrak berehala ulertu zuen eta Iruñera etortzea erabaki genuen, Xabierrek euskaraz ikasteko aukera izan zezan. Jesusek oso ongi ulertu zuen zein garrantzitsua zen niretzat Xabier euskalduna izatea.
Azken hauteskundeetan boto abertzaleak 100.000ko langa gainditu du lehen aldiz.
Lehengo egunean Juan Cruz Allik esan zidan gogoratzeko boto ez abertzaleak ere baditugula. Hori badakit, eta presidentea banaiz, nafar guztien presidentea izan behar dut. Argi daukat presidente abertzalea izanen naizela hiritar gehienak abertzaleak ez diren gizartean.
Orain, abertzale ez diren hiritarrek ere, abertzaleengan jarri dute konfiantza. UPNk bultzatu duen euskaltasunaren inguruko malditismo hori apurtzen hasia da eta hori oso garrantzitsua da.
Independentzia urrun?
Ni orain laugarren xedapen iragankorra aktibatzen ez nintzateke inolaz ere ausartuko. Askogatik galduko genuke, seguru. Aurrerapen handia izan da abertzaleen aldeko hainbeste boto egotea, baina prozesua errespetu handiz egin behar dugu, eta gainera nik ez nuke onartuko Nafarroaren erabaki bat egun dauzkagun aurreiritzi guztiekin. Gaur egun Nafarroa ez da subjektu politiko libre bat.
Aldaketaren aldeko aldean PSN sartzen duzu. Seguru zaude horretaz?
Sozialisten botoak sartzen ditut. Ziur naiz. Hamaika urtetan askotan izan dut aukera Erriberako hainbat herritan emakume eta gizon sozialista zaharrekin hitz egiteko. Haiek dira gerra zibileko ondorioak pairatu behar izan zituztenak, eta horiengan, zintzoki, ikusten ditut aldaketaren aldeko jarrerak. Zer-nolako gestioa eginen du PSNk boto horiekin? Haiek ikusiko dute. Eskerrak gobernuaren giltza ez dagoen haien eskuetan, haiekin ezin baikara fidatu.
Sozialista nafarrek ez dute merezi duten zuzendaritza, beraz?
Erabat ados.
Patuak emaniko aldaketarako aukera izan da hau?
Bai, eta ozta-ozta lortu dira 26 eserlekuak. Aldaketaren aldekoak bat gatoz gauzak ongi egin behar ditugula, lasaitasun osoz, eta ez soilik datozen lau urteotan, baizik eta hurrengo legealdietan ere bai.
Nola ikusten duzu EH Bilduren eboluzioa?
ETA gizartean ez dagoenetik errazago da hitz egitea. Hortik aurrera, amankomunean gauza asko ditugu, eta beste gauza batzuk ez, beste indar politikoekin bezala. Orain arte egin dugun lan programatikoa uste baino askoz errazagoa izan da, benetan, eta ezadostasunak ere mahai gainean jarri ditugu. Giro eder horrek ez du esan nahi, halere, desberdintasunik ez dagoenik. Badira, eta sakonak, gizartean bezala.
Zeintzuk dira?
Askotan metodologikoak. Adibide argi bat jarriko dizut: kanpainan zehar asko hitz egin da Abiadura Handiko Trenaz. Talde progresisten artean, Geroa Bai izan da defendatu duen bakarra. I-Ek eta EH Bilduk merkantzien garraioa 100-120 kilometro orduko eta pertsonena 200-240 kilometro orduko defendatzen dute. Horri nahi dugun izena jartzen ahal diogu, baina Abiadura Handiko Trena da. Bestalde, UPNk egin duen kudeaketa oso txarra izan dela salatu dugu lehen momentutik, Estatuarekin egin duen hitzarmena ere oso txarra da, eta marraztu duten azpiegituren lehentasunarekin ez gaude batere ados. Gure ustez, une honetan proiektu horri buelta eman behar zaio eta "i grekoa" ziurtatu. Goazen kudeatzera gure arteko desadostasun pakete hori.
Nafarroako itun ekonomikoa eta EAEko kontzertua batera negoziatu beharko lirateke Madrilekin?
Bai. Klasiko bat da: Eusko Jaurlaritzak Madrilekin zerbait negoziatu kontzertuaren inguruan eta ondoren UPNk Nafarroara ekarri du horren kopia txar bat. AHTren ituna, esate baterako. Bi akordioen arteko aldea alimalekoa da. Anbiziorik batere ez eta tinkotasun eza izan dira UPNren jarrera Madrilekin negoziatzeko eseri den guztietan. Montorok Volkswageneko BEZaren afera jarri zuen mahai gainean, eta aldi berean, itunaren negoziazioa proposatu. Guk behin eta berriz esan dugu ez onartzeko xantaia. Zer gertatu da azkenean? Atzera egin dugula itun ekonomikoan. Zerga berriak guk kudeatzeko aukera galdu dugu, gainean zegoelako 1.500 milioiko Damoklesen ezpata. UPNk onartu du ez dela haiek nahi zuten erreforma, baina onartu behar izan zuten, eta erantzukizun politikoa dute.
Konponbide konplikatua?
Oso. Ezin izanen dugu aldatu, agian datorren urterako. Ituna eta kontzertua sinatu zirenean oraindik ez ziren zergak foru lurraldeek jasotzea oso garrantzitsua da guretzat.
Gauza batek harritu ninduen politikara iritsi nintzenean: zer interes gutxi duten politikariek, orokorrean, errealitatearen argazkia egiterakoan. Zein da errealitatearen irudia? Nik behar dudana. Datuen zehaztasunarekiko grina handia dudala esaten didate, eta hala da. Horretan kazetaritzak lagundu dit asko. Ikus dezagun gure errealitatea nolakoa den, egin dezagun lan pedagogikoa Espainian uler dezaten foruak zer diren.
Madrilgo Kongresuko esperientzia nolakoa izan da?
Oso ederra. Lagun onak egin ditut, Labordeta adibidez. Egun batean esan zidan galdetu ziotela nor zen kongresukide ederrena eta ni nintzela esan zien. "Eskerrik asko Jose Antonio!" esan nion eta berak: "Ez, ez bainuen gogoratzen nola duen izena PPko kanariar guapa horrek!".
Politikari baloratuena izan zara askotan.
"Baina ez duzu gainditu ere egin", esaten dit semeak.
Duela lau urte bularreko minbizia izan eta gainditu duzu. Bizitza desberdin ikusten duzu orain?
Heriotzari beldur bera diot, baina egia da halako egoera batean heriotzari zuzenean begiratzen diozula. Gure gizarte pribilegiatu honetan minbizia da heriotza gogorarazten digun gauza bakanetako bat. | news |
argia-e11b63efda33 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/hilezkortasun-nahiak-hilda.html | Hilezkortasun nahiak hilda | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-07-12 00:00:00 | Hilezkortasun nahiak hilda
Txina, K.a. 210. Qin Shi Huang lehen enperadorea hil zen, betiko bizitzaren bila egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan zirela agerian utziz. Zhifu uhartean betiko bizitzaren elixirra topatuko zuelakoan, hainbat espedizio bidali zituen Penglai mendi mitikoaren bila eta bera ere hirutan saiatu zen hara iristen. Halaber, gorteko alkimistak buru-belarri lanean jarri zituen heriotza saihesteko bidearen bila. Mende luzez alkimistek merkurioa panazea horrekin lotu izan dute, eta Qin Shi Huangi ere merkurio pilulak ematen omen zizkioten.
Ustez, hilezkortasun pilula horiek pozoituta hil zen enperadorea. Hala ere, bizi zen artean, inoizko mausoleorik ikusgarriena eraikiarazi zuen, berpizteko itxaropenez, eta terrakotazko gudari ezagunen artean ehortzi zuten, garaiko iturrien arabera, merkuriozko ibai artifizialez inguratuta. Enperadorearen hilobia oraindik zabaldu ez duten arren, inguruan merkurio arrastoak aurkitu dituzte ikerlariek. Baina Qin Shi Huang bizirik aurkitzeko itxaropenik ez dute.
Merkurioa bezala, gazteen odola betiko gaztetasunaren elixirra izan da luzaroan. Banpiroen fenomenoa ere uste horri lotuta dago. Aleksandr Bogdanov zientzialari errusiarrak odol transfusioekin hainbat esperimentu egin zituen XX. mendearen lehen herenean. Ikasle gazteen odola pertsona helduagoei sartzen zien, baina transfusio gehienak bere buruari egin zizkion. Esperimentuen txostenetan idatzi zuen odola aldatzen hasi zenetik gazteago sentitzen zela eta buruko ilea galtzeari utzi ziola. Bogdanov 1928ko apirilaren 7an hil zen, 54 urte zituela, malaria zeukan gazte baten odola hartu ondoren. Bogdanovek ez zuen zorte handirik izan, baina odola, gehienetan, ez da merkurio bezain toxikoa, hainbat txirrindularik edo The Rolling Stones taldeko kide "betigazteek" agerian utzi dutenez.
Urre likidoa ere alkimisten edabe magikoen artean izan da luzaroan. Diana Poitiersekoa (1500-1566), Henrike II.a Frantziakoaren maitalea, metodo horren zalea zen. Garaiko kroniken arabera, Dianaren edertasuna paregabekoa zen eta 66 urterekin hil arren askoz gazteago ematen zuen. 2008an gorpuari egindako analisietan urre kantitate handiak atzeman zituzten, eta heriotzaren arrazoia metal preziatua izan daitekeela uste dute adituek. Gaitz erdi, garai hartan 66 urteko bizialdia ez baitzen batere laburra.
Sokushinbutsu edo monje budisten auto-momifikazioak arrazoi espiritualagoak ditu atzean, baina emaitza bera; eternitatea jomuga, deshidratatuta hiltzen ziren lekaideak.
Gizakiak beti bilatu izan du hilezkortasuna, Antzinako Egiptoko momifikazioetatik hasi eta egungo kriogenizaziora. Baina bi kasuetan subjektua hil arte zain egoten dira metodoa aplikatzeko. Badaezpada. | news |
argia-49fbeef9c861 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/hamarratz.html | Hamarratz | Edu Zelaieta Anta | 2015-07-12 00:00:00 | Hamarratz
Gasteizko XVI. mendeko euskararen berri ematen duen Landuccioren hiztegian ikusi dut "hamarratz" hitza. Arabako eta mendebaleko beste zenbait tokitan bezala "armiarma" esan nahi zuen lehengo gasteiztarrentzat. Edonola ere, hitz berak beste esanahi batzuk ere har ditzakeela ematen du: leku batzuetan "olagarro" izan daiteke, eta, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak dakarrenez, "karramarro" hitzaren parekotzat ere jotzen da.
Animaliak ez ezik, pertsonak ere izan daitezke hamarratzak, eta arestiko hiru adierak baliatuta gainera. Izan ere, zaila izaten da zehaztea animalia politiko batzuk atzeraka ari diren karramarroen antzera, garroak harrapakinari eusteko erabiltzen ari diren edota amarauna dagoeneko josia duten.
Arrazoi pertsonalengatik utzi omen du Hezkuntza Ministerioa Jose Ignacio Wertek. LOMCE lege polemikoa garatzen lagundu zion Montserrat Gomendio Hezkuntza Estatuko Idazkari ohiarekin eta orain ELGA erakundearen Parisko egoitzan ari denarekin ezkonduko da uztailaren 11n. Rajoyk azaldu duenez, Wert izan liteke ELGArako Espainiaren enbaxadore.
Hamarratz... eta hogeiesku! | news |
argia-e585abcfafc9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/eitb.html | Eta txoritxoak habia hustu zuen | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-07-12 00:00:00 | Eta txoritxoak habia hustu zuen
Agur esateko momentua iristen ari zaie EITBn urtetan aritu diren hainbat profesionali. Hedabide publikoak azken hamarkadan izan duen kontratazio politikaren "albo-kalte" bihurtu dira, eta euren protestek markatu dute EAEko komunikazio talde nagusiaren azken urtea. Zerk eragin du tamaina horretako korapiloa? Eta, nola geratuko da EITB?
Gogorra izan da amaitzen ari den ikasturte hau EITBn. Udako beroarekin batera hasi dira arintzen euskal irrati-telebista publikoko kateen programazioak baina beste arintze batzuek, pertsonalekoek, eman dute zeresan handiagoa kurtso osoan: hedabideko irratietan martxan dago Lan Deialdi Publikoa eta horrekin batera, orain arte eduki duten lanpostua galduko dute hainbat profesionalek.
Izen ezagunak daude tartean, urte askoan EITBko irratietan lan egin izan duten beteranoak; baita kazetari gazteagoak ere: 30 urteren bueltan dabiltzanetatik 53 dituztenetaraino kaltetu ditu pertsonala doitzeko hartutako erabakiak.
Maiatzaren bukaeran komunikatu zizkieten lehenbiziko langileei kaleratzeak eta ekainean utzi zuten EITBren egoitza. 29 lagun lehen kolpe horretan. Beste sei, hilabete berean. Eta tantaka-tantaka beste hainbaten mikrofonoak itzaliko dira uztailean, abuztuan eta irailean. Azkenekoek ez dakite oraindik noiz utzi beharko duten lana, baina joan beharko dutela bai. Duela 15 hilabetetik hartuta dago erabakia, baina ia urtebete pasa da kaleratze-data komunikatu dieten arte.
Bitarte horretan grebak, mobilizazioak eta mota askotako protestak egin dituzte. EAEko Legebiltzarrean Maite Iturbe EITBko zuzendariaren dimisioa ere eztabaidatu zen. Eta gaia Hego Euskal Herriko agenda mediatikoan sartu da. Seinale txarra inondik ere, hedabideak albisteak emateko baitaude, ez albiste izateko.
Autonomo faltsuen kontratuak
Historia honen protagonistak 79 aurpegi eta ahots dira: Idoia, Iratxe, Iñaki, Haritz, Bego, Mikel… "Zuen bozketa, irratiaren hilketa" oihukatu zuten haserre haietako batzuek EITBren egoitza nagusian 2014ko apirilaren amaieran, administrazio kontseiluko ordezkariak Lan Deialdi Publikoa onartu zuen bileratik irten zirenean. Organo horretako EAJko sei ordezkariek, EH Bilduko laurek eta LABeko, Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiko ordezkari banak bozkatu zuten alde. PSE-EEko eta Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko ordezkariek abstenitzea erabaki zuten eta PPko bi kideek baino ez zioten ezezkoa eman.
Prozesua ofizialki abian jarrita, lehenagotik entzuten hasia zen eztabaidak protagonismoa hartu zuen: Lan Deialdi Publikoa ala izen horrekin mozorrotutako Enplegu Erregulazio Espedientea? Lanpostuak desegiteko ala kalitatezko enpleguak sortzeko izango da baliagarria abian jarri den prozesua? 2015eko udara iritsita eztabaida ez da itxi, zenbat buru, hainbat aburu.
Loreto Larunbe eta Bego Yebra dira lanpostua galduko duten profesionaletako bi eta ESK sindikatuaren delegatu gisa, kaleratzeen aurka oso pertsona aktiboak izan dira. Egoera honek eragin dien ezinegona deskribatu dute beraiekin elkarrizketa hasi eta berehala. "Imajina ezazu hemen egotea eta jakitea datorren astean kalera joango direla zure ondoan dauzkazun langile batzuk. Eta hala ere, egin ahalegina zuzenean ez dadin nabaritu. Beste lan bat egiten baduzu desberdina da, hemen egoera horretan egonda ere, bi-hiru orduz hitz egin behar duzu, irribarre egin… Momentu honetan lur jota gaude".
Kontua puntu honetara nola iritsi den galdetzen hasita, 2003. urtea seinalatzen dute iturri guztiek. LAB sindikatuko Jon Otegik azaldu duenez, Andoni Ortuzar artean EITBko buru zenean gertatutako lege-aldaketa batean dago auziaren iturburua: "Behin-behineko kontratuarekin zeuden langileak finko bihurtzera derrigortu zituen lege berriak, baina orduko zuzendaritzari bururatu zitzaion langile horiei merkataritza-kontratuak egitea, autonomo bihurtzea alegia". Eta baldintza horietan jardun zuten, urte batzuk geroago Gizarte Segurantzaren ikuskariek lupa EITBn jarri zuten arte. "Sekulako pufoa" aurkitu zutela dio Otegik, "langile pila bat autonomo faltsu gisa ari ziren lanean eta gizarte segurantzari kontratazio horiengatik hiru milioi euro zor zitzaizkion".
Irtenbideak bai, soluziorik ez
"Orduan erregularizatu gintuzten, 2010etik hona kontratu mugagabea izan dugu", azaldu dute Larunbek eta Yebrak. "Baina" batekin ordea: "mugagabe ez-finko" motako kontratuak egin zizkieten ordura arte autonomo zirenei eta, beraz, ez zen beraien egoera erabat argi geratu. "Demanda bat daukagu jarrita: nahi dugu epaitegiek esan dezaten zer garen, mugagabe ez-finkoak, mugagabeak…".
LABeko Otegik uste du bi errealitate nahasten ari direla irratietako langileen gatazkan. Batetik, lan-zuzenbidea; eta bestetik enpresa publikoetara lanera sartzeko eskatzen diren printzipioak. "Guk beti defendatu dugu langileek postu finkoa eskuratzeko berdintasun, gaitasun eta meritu printzipioak bete behar direla. Zuzendaritzei hori eskatu genien, bai Ortuzarren garaian, baita Suriorenean ere. Baita hori eskaintza publiko baten bidez konpondu behar zela ere".
Horren ordez, behin-behineko irtenbideak bilatu zizkioten egoerari, PSE Jaurlaritzan izan zen agintaldian erabakia atzeratu egin zen eta Maite Iturbek EITBren lema hartu zuenerako langile askok ibilbide bat egina zuten. "Errua ez da langileena, noski", dio Otegik. "Zuk bat-batean kontratu mugagabe batekin egiten baduzu topo, horren ilusio faltsua sortu dizunak du ardura". Baina gaineratu du egoera horrek blokatu egin zuela EITBko lan poltsa publikoa, deialditik pasa gabe lanean hasi zirenek bete zituztelako lanpostuak.
Zergatik ez zen lehenago deialdi publikorik egin, arazo handiak ekarri dituzten kontratuon aldeko hautuaren ordez? EITBko zuzendaritzan urte asko daramatzan kide batek telefonoaren bestaldetik azaldu duenaren arabera, plantilla finkoa erabakitzea Eusko Legebiltzarrari dagokio eta 2000. urtetik 2009ra bitartean ordezkaritza zeukaten alderdiek ez zuten halakorik agindu –deialdi txikiren bat gorabehera–. Kontratazioekin izandako arazoak lan arloko lege aldaketen erruz gertatu direla defendatu du: "Problema hau ez zen inoiz gertatuko legea egonkorra izan balitz, langileen estatutuan egin den erreforma bakoitzak lege barruan zeuden gauza batzuk mugan edo zuzenean legez kanpo jarri ditu".
Murrizketa giroa
Irratiaren eguneroko martxari zein neurritan eragin ote dion galdetu diegu Larunberi eta Yebrari. "Langile asko joan dira eta geratu garenak jarraitzen dugu, baina jende gutxiagorekin. Gaua galdu dugu, uhin ertaina itxi zuten, asteburuetan ia saio guztiak errepikapenak dira… Zer egingo dugu, buletinak besterik ez? Hori izango da gure irrati publikoa?".
Egoera estua denik ez du ukatzen zuzendaritzak, baina EITBren azken urteetako gorabeheren barruan kokatu du oraingo erabakia. Gogoratu du 2010ean autonomoak mugagabe bihurtzearekin irratietako langile kopurua %50 hazi zela. "Hazkunde hori jasangaitza da: 2009an izan dugu aurrekontu handiena, 2010ean jaisten hasi zen eta geroztik beherantz doa".
Irratiak batez ere pertsonal gastuak dituela seinalatu du, baita 2013rako EITBren aurrekontua ia heren bat jaitsi zela ere, 2009arekin alderatuz. Horrek etxe barruko adar guztietan murrizketak eragin zituen, "eta irratiak ezin zuen bere aurrekontua jaitsi, gehiena soldata zelako. EITB taldeko sozietateak ari ziren esfortzua bere proportzioaren arabera egiten, baina irratiek ezin".
Alternatibak badirela uste du, dena den, LABeko ordezkariak. "Helburua izan beharko litzateke Jaurlaritzak komunikabide publikoari finantzazio nahikoa ematea, eta hedaduraz guztiei; baina eman zuen aizkorakada horretan atzera egin behar du. Dirua badago, hainbat gauzatan gastatzen da, AHTn adibidez; aukera badago kalitateko komunikabide publikoa egiteko".
Finantzazioa handitzen ez den bitartean zuzendaritzak argi du ordea: zorpetzea eragotzi nahi du kosta ahala kosta. "Zorretan sartu diren irrati-telebista autonomikoek ikusi dugu nola bukatu duten".
Eta etorriko dena
Pentsa liteke EITBren aurtengo jarduna hainbeste markatu duen problema hemen buka daitekeela. Epaitegiek esango dutenaren zain, kaleratzeen kontra manifestatu diren langileek ez dute momentuz mobilizazio gehiago aurreikusten. "Egin beharrekoa egin dugu", esan dute aurrera begirako protestei buruz galdetuta.
Baina irratietan hainbeste kalapita sortu duten kontratu "mugagabe ez-finko" horiek beste zenbait adarretan ere indarrean daude oraindik, besteak beste hedabide publikoaren webguneko langileen artean. Ekainaren 19an iragarri zuen LABek lan hitzarmena lortu dutela atal horretan eta horrek egoera alda dezake edizio digitaleko langileentzat.
Beste hari mutur batzuk ere geratzen dira: "Jarraitu da kontratazio irregularrak egiten atzamarrarekin zuzendaritza talderako ere", baieztatu du Otegik. Izen-abizenak jarri dizkio horren arduradunari: Javier Salcedo. "Pertsonal zuzendaria da, Ortuzarrek jarri zuena. Surioren garaian ere mantendu zen". Eta LABek haren dimisioa eskatu zuen otsailean, "bera izan baita kontratazioetan egin diren bidegabekerien arduradun zuzena".
Klima honetan, EITBko plantilla estrukturalari buruzko eztabaidak dirudi hurrengo erronka nagusia. Datorren urtean hasiko da prozesu hori. Bestalde, zeresana eman dezake Eusko Legebiltzarrean sortuko den batzorde bereziak ere: hedabide publikoa sortu zenetik 32 urte pasa diren honetan, lehenbiziko aldiz erreforma integrala planteatuko da, EHUk proposatuko duen metodologiari jarraituz. Ikusitakoak ikusita, ika-mika ia ziurtatua dago. | news |
argia-75127f4ad939 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/zer-ikusteko-gai-dira-ume-jaioberriak.html | Zer ikusteko gai dira ume jaioberriak? | Joxerra Aizpurua | 2015-07-12 00:00:00 | Zer ikusteko gai dira ume jaioberriak?
Uppsalako (Suedia) Unibertsitateko zenbait ikerlarik egindako azterketak lortutako emaitzak ume jaioberrien ikusmenaz zeuden susmoak baieztatu ditu. Bizpahiru eguneko umeek ez dute ikusten beraiengandik 60 zentimetro baino urrunago egiten dugun ezer, baina distantzia horretatik behera gauzak aldatu egiten dira.
30 zentimetrora, umeek ongi xamar bereizten dituzte aurpegi-adierazpenak, baina ez aurpegia bera. Hau da, aurpegiko organoen mugimendua identifikatzen dute batik bat. Hala ere, ikerlarien arabera gauza bat da ikusmena eta beste bat ikusten dena interpretatu edo ulertzea. Azken horri buruz ez dute ezer frogatzerik izan. | news |
argia-e27932b4931e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/perikoren-arrazoiak.html | Perikoren arrazoiak | Xabier Amuriza | 2015-07-12 00:00:00 | Perikoren arrazoiak
Doinua: Aita izena
Neska bat haurtxo batekin dator
etxegabeen samina
ostatatzen du elizan eta
goietan a zer muzina!
"Ama Birjina balitz –darantzu–
zein litzateke ezina?"
"Gainera birao!" –sutzen zaizkio
eta Perikoren zina:
"Ez da, ba, joango zeren gaur hemen
hauxe da Ama Birjina".
"Ezin dugula esan al dute?
Ba, egin dezagun proba!".
Zapalkuntzari jarkitzea zen
haren sostengu baikorra.
Berdinentzat hain samurra eta
goikoentzat hain gogorra
haren ars vitae teorikoa
laburtu ahal balitz, horra:
"Egin sinesten duzuna eta
betor nahi duen zigorra".
Hizkeran gatza gesalak aina
arrazoietan eztena
konsekuentzia berriz, galtzeko
ezer ez daukan batena.
Lema bat zuen: "lehenik egin
eta gero azalpena".
Zeren "hutsaren gainean zer da
esplikatu behar dena?".
Periko berdin hirutasun bat:
sena, bihotza, kemena. | news |
argia-df4bf2f48377 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/inigo-urrutia-udal-lege-egitasmoaz.html | "Udalek gaztelania hutsean jarduteko aukera izatea oso arriskutsua iruditzen zait" | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-12 00:00:00 | "Udalek gaztelania hutsean jarduteko aukera izatea oso arriskutsua iruditzen zait"
Ondo bidez, aurki onartuko du EAEko legebiltzarrak udalei eskumen gehiago emango dizkien Udal Legea. Euskarari buruz zer dioen galdetu diogu Iñigo Urrutia EHUko legelariari. Udalerri euskaldunak babestuago egongo direla dio, baina aukera galduak ere zerrendatu ditu.
Zer ekarpen egin du Udal Lege egitasmo honek?
Nahitaezko lege proiektua dela esan daiteke, bereziki Estatuko Gobernuak toki-administrazioaren arloan indarrean jarri duen eraberritze orokorrari aurre egiteko. Udal Lege proiektuak hainbat arlo arautzen ditu, udal eskumenak, finantzazioa..., eta euskarari ere tokia egin zaio.
Beharrezkoa zen euskara lantzea udalerri mailan, euskaraz jarduten duten udalerriak lege estaldurarik gabe ari direlako. Euskararen Legeak, 1982an, bi sistema aurreikusi zituen, bata udalerri euskaldunei begira eta bestea orokorra. Geratu den sistema bakarra, sistema elebiduna da. Zurrunegia da zenbait testuingurutarako, adibidez, euskaraz funtzionatu nahi duten udalerrientzat, euskaraz eta gaztelaniaz egin beharra baitute. Beharrezkoa zen euskarazko jardun normalari babes juridikoa emango dion lege bat indarrean izatea.
Beste ekarpen bat ere egin du. Hemen, jurisprudentzia oso mugakorra izan dugu. Katalunian eta Galizian adibidez, botere judizialak sententziak eman dituenean naturaltasunez jaso du udalek katalanez edo galizieraz lan egiteko aukera. Aldiz, EAEn, halako jurisprudentziarik ez da aplikatu eta udalerri euskaldunek hainbat oztopo aurkitu dituzte, bereziki sententzietan. Jurisprudentzia horri bestelako irakurketa bat eman ahal izateko oso garrantzitsua da lege baten bitartez euskarazko funtzionamendu normalizatuari estaldura ematea.
Lege honek ordea, udalei euskara lehentasunezko hizkuntza dutela jarduteko aukera ematen al die?
Orokorrean horrela jasotzen du, lehentasunezkoa izan daitekeela aipatu gabe. Besterik da norbanakoak gaztelania erabili nahi badu, hari gaztelaniaz erantzun beharko litzaioke.
Legeak ordea, arazo batzuk baditu. Lehenbizikoa da euskarazko funtzionamendu normala aurreikusten duen neurrian, gaztelaniazko jardun normala ere zilegi bihurtzen duela. Beraz, orain arte udalerriek bi hizkuntzetan funtzionatu behar zuten. Aurrerantzean, udalerriek euskaraz jarduterik izango dute, baina baita gaztelania hutsez ere.
Horrek zein ondorio izan dezake?
Gerta daiteke Barakaldoko Udalak dena gaztelaniaz egitea erabakitzea. Orain arte legez ez zegoen hori egiterik. Nik ondoko parametroa proposatuko nuke: orubea elebitasuna izatea, eta hortik gora, eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, elebakartasunera hurbiltzeko bidea zabaltzea, euskarazkoa, normaltasun osoz. Gaztelaniaz jarduteko aukera jasotzea oso arriskutsua iruditzen zait, euskararen ikuspegitik atzeraka joan gaitezkeelako zenbait testuingurutan.
Abanikoa oso irekita uzten du.
Akaso Arabako zenbait eskualdetako herri gehienek erabakiko dute gaztelania hutsez aritzea, barne funtzionamenduko hizkuntza gisa. Hori zilegi bihurtzen du.
Agintean den alderdi politikoaren arabera alda daiteke.
Hala izan daitekeela iruditzen zait. Hizkuntza erabilera sistema berri honi aurkitzen dizkiodan azalpenak bi dira. Batetik, Konstituzio Auzitegiak 2010. urtean zabaldu zuen norabideari estuki jarraitzea, hizkuntza sisteman Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak ezarri dituen mugak barneratuz. Bestetik, itun politikoren baten emaitza izatea, EAJren eta PSOEren arteko negoziaketetan. Badirudi, udalerri euskaldunei estaldura ematearen ordainetan, hainbat udali gaztelania hutsez funtzionatzeko aukera zabaldu zaiela.
Esana duzu beste muga bat baduela lege egitasmoak: udalak euskara hutsez egin ahal dituen dokumentu guztiak ez ditu babesten.
Proiektuak zerrenda itxi bat jasotzen du. Lege ikuspegitik ez diot oinarri nahikorik ikusten. Euskarazko jardunak erabat legezko izan beharko luke, hemen aipatzen diren dokumentuez gain, gainontzeko dokumentazioa ere udal batek euskaraz landu dezake, euskara ofiziala baita.
Logikaren bat badauka zerrenda zehatz horrek?
Espainiako Estatuko 1986ko errege dekretu zahar batean jasotzen den dokumentu zerrenda da, hala nola, osoko bilkuren deialdiak, gai zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki proposamenak, eta beste hainbat euskaraz idatzi ahal izango dira. Kontraesana dago. Batetik, Estatuko 1992ko Administrazio eta Prozedura Legearen arabera, Estatuko administrazio periferikoak euskaraz lan egin beharko du eskatzaileak –norbanakoak– euskara erabiltzen badu, eta beraz, espedienteetako dokumentu guzti-guztiak euskaraz jaso beharko ditu. Bestetik, Udal Legearen arabera, gure udalerriek 6-7 dokumentu horiek bakarrik landu ahal izango dituzte euskara hutsez. Eta gainontzekoak? Hori bai paradoxa. Estatuko administrazioan dokumentu guztiak euskaraz eta udalerri euskaldunetan batzu-batzuk baino ez.
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak salaketak jartzeko aukera izango du orduan?
Bai. Euskara gaietan, legeak propio babesten ez dituen jarduerak errekurritzeko aukerakoak dira Gobernuko ordezkariarentzat. Segurtasun juridikoa areagotzea behar dugu beraz.
Adibide bat eman dezakezu?
Azpeitian errepidea pasatzekoa da. Udaleko idazkariak txostena egin behar du esateko ea hirigintza araudiarekin bateragarria den proiektua. "Idazkariaren txostenak" dokumentua ez dago zerrenda horretan.
Konpontzea oso erraza da, "eta gainontzeko dokumentuak" edo halako klausula bat jar daiteke, edo dokumentu zehatzik aipatu barik esan daiteke euskaraz lantzen diren dokumentu ofizial guztiek eragin juridikoa izango dutela, beti ere norbanakoek baliatzen duten hizkuntza errespetatuz gero.
Berez, hizkuntza ofizialtasunak dakarrena da hizkuntza horretan egindakoak formalki eragin juridikoak sortzeko ahalmena duela, norbanakoek erabili nahi duten hizkuntzari kalterik egin gabe. Barne funtzionamenduko dokumentuak euskaraz landu daitezke arazorik gabe, jakinarazpenak eta zerbitzuak eskaintzerakoan, ordea, norbanakoaren hizkuntza eskubideak errespetatu behar dira.
Udal Legearen egitasmoak herritarrari deserosotasunik ezin zaiola eragin dio. Zer esan nahi du horrek?
Hori jakinarazpenetan erabili beharreko hizkuntzari lotzen zaio eta Konstituzio Auzitegiaren 2010eko epai batean dago oinarrituta. Sententzia horren arabera, udalek katalana edo gaztelania normaltasunez erabil dezakete, beti ere norbanakoei dokumentuak nahi duten hizkuntzan bidaltzen bazaizkie. Norbanakoak hizkuntza aukeratzeko eskubidea duenez, hizkuntza-aukeraketa espresurik egin beharrik ez du.
Kontrakoa ere uler daiteke. Udalak isuna gaztelaniaz bidali badit balio juridikorik ez diodala emango esan dezaket, nire hizkuntza ez duelako asmatu.
Erakundeak asmatu behar du norbanakoak nahi duen hizkuntza? Ondorioa zein litzateke, ele biz bidali eta arazoa gaindituta?
Konstituzio Auzitegiak buruan daukana hori litzateke, bi hizkuntzetan bidaltzea, horrek ez dio inolako deserosotasunik sortzen norbanakoari. Halere, Konstituzio Auzitegia ideia hori adieraztera ez zen ausartu, hizkuntza sistema ezartzea erkidegoen eskumena baita, eta elebitasun orekatua aukeratatik bat baino ez da, berezko hizkuntzaren erabilera normalizatuarekin batera. Betiere, berriro diot, norbanakoek dokumentuen hizkuntza aukeratzeko eskubidea dute. Epaiaren arabera, norbanakoak ez du zertan jarrera aktiboa hartu hizkuntza aldatu dadin. Imajinatu: orain udalak euskaraz bidaltzen dio isuna norbanakoari. Jurisprudentziak esaten duena da udalak, ezer bidali aurretik, ahalegina egin behar duela norbanako horrek zein hizkuntza erabiltzen duen jakiteko, eta hizkuntza horretan bidali. Arazoa da epaiak dioela norbanakoak ez daukala nahi duen hizkuntza zein den adierazteko beharrik, administrazioak asmatu behar du. Nahiko gauza ulergaitza da.
Udalerri euskaldunetara ekarrita. Ele biz egitea saihesteko aukera izan daiteke herritarrei lehentasunezko hizkuntza galdetzea?
Nire ustez ez da deserosotasun handia hizkuntza batean jaso, eta beste hizkuntzan nahi baduzu eskatzea. Deserosotasun txikia izan daiteke, eramangarria.
Euskara hutsez aritzea hobesten duzu, baina gerta daiteke norbanakoren bat kexatzea edo Urquijo berriz etortzea.
Udal Legean jarri ahal zen udalek errespetatuko dutela norbanakoen hizkuntza-aukeraketa… edo horrelako zerbait. Horrekin nahikoa izan zitekeen, jurisprudentzia hori hitzez hitz legera ekarri gabe.
Udalerri euskaldunetarako arrisku bat gehiago.
Udalerri horietan presuntzio bat dago, jende guztia euskalduna dela, edo portzentaje oso altua. Euskara ulertzen badute zergatik ezin zaie euskaraz normaltasunez jakinarazi?
Euskaraz ez dakien zinegotziak udaleko euskarazko jarduna baldintza dezake?
Legeak dio udalek euskaraz funtzionatu dezaketela normaltasunez, baina muga bat jartzen du: udal korporazioko jende guztia euskalduna bada euskara hutsez jardun daiteke, baina zinegotziren bat erdalduna bada ezin da euskara hutsean aritu.
Legeak ez duela arrazoirik iruditzen zait, udalek halako kasuetan mekanismoak jar ditzaketelako: laburpenak eman gaztelaniaz; gerta daiteke euskara ez hitz egitea baina ulertzea... Legeak dioenaren arabera, Lizartzako zinegotziak esan dezake ordutik aurrera gaztelaniaz egin behar dela. Ez dauka inolako logikarik, ez dio mesederik egiten inori. Ez dut uste benetako arazorik dagoenik, eta arazoren bat baldin badago alderdi politikoek konpondu beharko lukete, eta euskaldunak jarri.
Legez behartu daiteke zinegotzia euskara jakitera?
Espainiako legediak ez du aurreikusten. Aldiz, Letonian, parlamentuko kide izateko letonieraz jakiteko beharra dago. Giza eskubideen auzitegira heldu zen gaia eta 2002an auzitegiak esan zuen hori zilegi dela. Estatu batek hizkuntza eskakizunak ezar ditzake funtzio politikoak bete ahal izateko, parlamentuaren jarduera normalizatua hizkuntza horretan bada. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari ohiak [Zigor Etxeburuak] gaia aipatu zuen eta iskanbila sortu zen. Giza eskubideen ikuspegitik ez dauka inolako problemarik.
Udal Legea tresna baliagarria dela uste al duzu euskarazko udal jarduera normalizatzeko?
Orain arte udalerri euskaldunek lege estaldurarik gabe jardun dute, eta alde horretatik, irakurketa erabat positiboa badu. Udalerri euskaldunak lasaiago ibiliko dira. Ahuleziak artezteko aukerak berriz, parlamentuan oraindik badaudela uste dut. Legeak ez du jaso trataera berezirik udalerri euskaldunentzat eta hausnarketa egin beharko litzateke. Bestalde, euskarazko funtzionamendua erabat legezko bihurtzen du, baina ordainetan, gaztelania hutsezko jardunari bidea irekitzen dio, pena.
Eta azkenik, jurisprudentziak bere horretan ekarri ditu, muga eta guzti. Jurisprudentzia aldatu daiteke, baina legean jasotzen baduzu jurisprudentziak dioena, zurruna bihurtzen duzu. Zurrunegia, nire ustez, hizkuntza normalizazio gaietarako. | news |
argia-87bc758408d8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/anari.html | "Hitzei beste leku batetik eusteko gogoa neukan" | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-07-12 00:00:00 | "Hitzei beste leku batetik eusteko gogoa neukan"
Aurrekariak: disko bat, aurkezpen kontzertu batzuk eta horietan sumatutako giro beroa. Zure aurrekari penalakekin zuzenean lehen saioak egin ondoren elkartu gara Anarirekin. Elkarrizketa egin bitartean agertu dira zenbait arma, animaliaren bat eta lagun asko.
Tituluak deitu zigun arreta diskoa entzun baino lehenago ere: konkretuagoa da, ez da berdina disko bati Irla izan jartzea edo Zure aurrekari penalak ...
Beste eremu batzuetako hitzak hartzeko ariketa kontzientea egin dut. Hemen zenbait hitz hainbestetan esan ditugu, sugerentea iruditzen zitzaidala horiek erabiltzea. Irla izan etik neukan gogoa beste hizkuntza bat erabiltzeko, hitzei beste leku batetik eusteko.
Klima sozialak eragin al du?
Bilaketa pertsonala izan da, baina egia da Armagabetzea bezalako letra bat orain egin dezakezula. Kanta arin bat, esanez "entregatu nituen armak eta zuloak non neuzkan…". Bertigoa eduki nuen kanta horrekin, baina bestela ez. Nire bidearekin izan du zerikusia: hasieratik asko erabili izan ditut metaforak, bai naturarekin bai beste elementu batzuekin, niretzat beti oso sugerenteak dira.
Kantetan orain hitzak duela garrantzi handiena esan zenion Juan Luis Zabalari Berria n. Duela urte batzuk melodia lehenesten zenuela gogoan dut…
Musikari ikaragarrizko inportantzia ematen diot, baina niretzat kanta da bakarrik gitarrarekin, ahotsarekin eta hitzekin egiten dudan hori. Egoera horretan bilatzen dut, egoera horretan ematen dut aurkitutzat. Eta egoera horretan konturatzen naiz ez dizkiodala melodiari ematen letrari ematen dizkiodan bueltak. Kanta da halako gauza bat... zuk egiten duzu letra, egiten duzu doinua eta, benetan osatzen denean, derrepente "klak" egiten du; eta ez duzu ikusten non separatzen diren bata eta bestea. Badaude beste zenbait, ondo ikusten dituzun arren, imajina ditzakezunak beste letra batekin. Baina niretzat hori da, melodia horri pegatuta geratuko dena. Eta hor hitzek badute garrantzia.
Noski, ulertzen dut beste estilo batzuetan ez dela hala, niri ere gustatzen zaizkit bi esaldi dituzten kantak jotzen dituzten taldeak, beste dena instrumentuekin esaten dutenak.
Nolako soinua zeneukan buruan estudiora sartzerakoan?
Diskoa egiten hasten naizenean ez dut batere musikarik entzuten. Ematen du zuk daukazun ideia entzuten duzun horretan aurkituko duzula; Karlos Osinaga Txapek askotan esaten du, jendea grabatzera joaten denean badaukala disko bat, nolabait produkzio-eredu gisa erabiltzen duena. Nik behin ere ez. Disko honetan neukan sentsazioa zen kantak linealagoak zirela, ez zirela hain gitarreroak –nahiz eta zenbaitetan bost eta sei gitarra dauden–. Gero, hasieratik pasa nizkion Javi Manterolari. Banekien berak anbienteak egingo zizkiola. Prestatu genuen halako oinarri neutro bat, lasaia, gero Ager Insunza, Ander Mujika, Javi bera... sartu ahal izateko. Kolaborazio horiek beti entzuten ditut lehen aldiz estudioan eta kasu honetan, uste dut Javik asko jo duela diskoan, bere gitarrak asko eman dio. Adibidez, Orfidentalak piano kanta bat zen, bat-batean bera etorri, hasi riff hori egiten eta buelta eman zuen. Baina ez dago bilaketa konkretu bat soinuan, izan zitezkeen beste modu batera.
Badaude zure aurreko lanekin halako ispilu-jokoak. Arkimedes aipatzen duzu hemen, "Diogenesen sindromea" berriz Irla izan en…
Kasualitatez gertatu zen kutsu eruditu hori [barre egin du].
Hitz egin dezagun diskoko faunaz. "Animalia izua"-ren aipamenak Nacho Vegasek La gran broma final en esaten zuen zerbait ekarri dit gogora.
Asko gustatzen zait Vegas, asko entzun dut eta aditzen dizunak eragiten baldin badizu, bera izan daiteke erreferentzia bat. Bere kanta borobilak dauden kantarik borobilenak iruditzen zaizkit. Orain Espainian kristoren maila dago letratan, Sr. Chinarro eta…
Diskoa idazten ari nintzela argitaratu zenean batek esan zidan, "bazkaltzera joan gara leku batera eta ondoko mahaian hizketan ari ziren zein animalia agertuko ote zen zure diskoan oraingoan". Erantzun nion: "Ba oraingo honetan animalia ni naiz". Horri buelta asko ematen aritu naiz.
Oreinek ere eman dute zeresana…
Beti esaten dut gauzarik sinesgaitzenak benetan gertatu egiten direla. Orein bat errepidean gurutzatzen zaizunean sentitzen zara Sigur Ros-en bideo batean bezala. Ba, behin bagindoazen kotxean eta gertatu zitzaigun, begira geratu zen gainera [barre egin du].
Animalia kontuekin segitzeko: Otzanak berezia iruditu zait, ez da egiten duzun lehen duoa baina badu zerbait...
Eneko Mobydick ek ere izango du zerikusirik horretan. Deseraikitako kanta da, bi edo hiru eratan jo genuen entseguetan: lehenengoa oso gitarreroa eta mantsoa zen, "Mark Lanegan" deitzen nion maketa fasean. Baina diskoarekin aurrera egin ahala, ikusten genuen kanta asko zeudela gitarrekin; eta orduan hustea erabaki genuen. Eta halako batean, Mariano pianoarekin atzetik zerbait egiten ari zen eta hori utzi genuen aurrean. Askotan horrelako erabakiak hartzen dituzu, zerbait diferentea egiteagatik. Hustuketa horrekin bateria pila bat aditzen da eta nik uste Enekok kristoren rolloa eman diola.
2013ko Durangoko Azokan izan zenuten halako disko elkartruke bat. Nola sortu zen kanta hau elkarrekin egiteko asmoa?
Horren aurretik ez genuen elkar ezagutzen, ni bera zuzenean ikusita nengoen arren. Gero berak deitu zidan Usopopen Johnny Cashen bertsio bat egiteko eta… azkenean disko bat egitea kristoren aitzakia da. Atzera begira jartzean pentsatzen dut zenbat jendek jo duen nire diskoetan, ilusioa egiten dit, hori hor geratzen da nahiz eta gero zuk bakarrik joko duzun. Enekori ere ilusioa egin zion, amari deitu ziola esan zidan, "Athletic-etik deitu izan balidate bezala" zegoela esanez [barre egin du].
Zurekin aritzen diren musikariei ematen diezun garrantzia kontzertuetan aurkezteko moduan ere islatzen da: "Anari gara" esan ohi duzu.
Hori konturatzeke irten zitzaidan lehen aldiz. Uste dut Bartzelonan jotzetik gentozela, eta kanpoan beti galdetzen dizute "¿ vosotros sois de la banda Anari?" . Nik uste dut horrelako batetik bueltan hasi nintzela "gabon, Anari gara" esaten. Baina egia da: ez bakarrik sentimentalki, artistikoki ere banda gara. Produkzio aldetik ere, normalean bakarlarien lanetan ahotsa askoz gorago egoten da, zenbait jendek esaten dit nire diskoak deserosoak egiten zaizkiola banda gehiegi entzuten delako… Produzitu ere banda bezala egiten dugu, zuzenean ere zikindu egiten dugu.
Rafael Chirbes idazlea Donostian izan zen duela pare bat urte eta esan zuen berak nobelak idazten dituela bizitze hutsagatik pilatzen duen lokatza gainetik kentzeko. Zertarako egiten ditu kantak Anarik?
Juxtu En la orilla irakurtzen ari nintzen disko hau idazten hasi baino lehen eta joan den astean [ekain erdialdean] heldu nion berriz. Ikaragarria iruditzen zait liburu hori. Disko bakoitzean nitaz eta nire momentuaz idazten dut, eta ez zait ateratzen jai arratsalde eder bati buruz idaztea. Adibidez, Otzanak saiakera bat da esplikatzeko zerbait edo norbait aukeratzen duzunean beste dena uzten duzula, eta aukera hori berresten joan behar duzula; fideltasunari buruzko kanta da. Ametsen eraiste neurtua k zutaz espero zenuenaz hitz egiten du… Oso esplizituak direla uste dut. Agian topikoa den arren, denak gara nahiko antzekoak, gure kontraesan guztiekin. Eta nik kantetan kontraesanak bilatu egiten ditut, metodo bezala erabiltzen dut. Saiatzen naiz gauzei beste alde batetik begiratzen eta hori sekulako iturria da idazteko.
Gero izenak jartzea dago. Adibidez, zerbait pasa duzunean, ez dauzkazunean oroitzapen onak, nola deitzen diozu horri? Diogenesen sindromea ikusten duzu nonbait eta zure buruari esaten diozu hori dela, "Diogenesen sindromea, baina buruan bezala; zergatik gordetzen ditut nik gauza hauek? Ez didate ezertarako balio". Horrela egiten ditut letrak.
Publikoaren enpatia sumatzen duzu? Maiatzean Donostian egin zenuen kontzertuan entzuleak oso bero zeuden…
Jendea kantatzera etortzen dela sentitzen dut, bere barrutik pasatzen dela egiten duguna. Aurkezpen kontzertuak diskoa presentatu eta bizpahiru astera egin ditugu eta jendeak kanta guztien letrak zekizkien. Baten batek esan zidan, "disko berria egin beharko duzu".
Inpresioa dut zure publikoa nolabait zure ibilbideari segika sortzen joan dela. Horrela bizi duzu?
Nire publikoa aldatu egin da, lehen nagusiki erreferentzia musikaletatik zetorren entzuleak nituen eta azkenaldian berriz, esango nuke letretatik iritsi direla entzule asko. Horren kontziente naiz. Bidehutsen barruan askotan hitz egiten dugu diskoak gutxi saltzen direla eta beti esaten diot Txap i, Lisabö entzuten duen pertsona batek 40 disko deskargatzen dituela eta tartean Lisabörena. Musikazale amorratuak dira. Anariren entzule mota batek berriz, urtean disko gutxiago erosten ditu, baina erosi egiten ditu, eta letra nahi dute eduki, eta… Gauza ederra da. | news |
argia-cd3a65f67e6c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/carlos-taibo.html | "Autogestioak irabazitako espazio bakoitza instituzioek galdutakoa da" | Jurgi Arruti | 2015-07-12 00:00:00 | "Autogestioak irabazitako espazio bakoitza instituzioek galdutakoa da"
Anarkismo garaikidearen aurpegi esanguratsuenetakoa da Carlos Taibo (1956, Madril). Desazkundea, altermundismoa, libertarismoa eta Europa ekialdeko gatazken inguruan pentsatu eta idatzi izan du gehienbat. Aurreneko hirurak lantzeko gelditu gara Madrilen. Zuhurtzia eta hitz zainduak medio, praktika libertarioen gorakada ukaezin baten aurrean gaudela hautematen du. Memento historikoak galtzada ahalbidetu duelakoan.
Irakaskuntza, osasungintza eta banku publikoa aldarrikatzen diren honetan, "autogestionatua" eta "publikoa" bereizi egiten dituzu zuk.
Eztabaida gorabeheratsua da. Eta ez daukat irtenbide magikorik, aitortzen baitut mundu libertarioan hedatu diren bi pentsamenduak direla legitimoak eta biek dituztela ahulguneak. Lehenengoak dio: publikoa, kontzeptu gisa, baztertu egin behar dugu; gizarte paralelo bat eraiki behetik, komunetik, esaterako, eskola libertarioak eraikiz. Eta badago beste alderdi bat honakoa dioena: hori ondo dago, baina ezin ditugu egitura publiko guztiak kapitalaren esku utzi, egun Estatuarenak diren egitura publikoak autogestionatu behar ditugu, Estatuarenak izaten jarrai ez dezaten. Bigarrenaren alde kokatzen naiz ni, kasu honetan, arrazoi pragmatikoak direla bide. Gizarte mailakatu honetan azpialdean kokatzen direnei eskola eta osasun publikoa kentzen bazaizkie, esango nuke etorkizuna are triste eta beltzagoa bilakatuko zaiela, literalki. Beraz, zentzudunagoa iruditzen zait publikoa dena autogestionatzeko borrokatzea, onartzen delarik, baina, badirela autogestionatu ezin diren segmentuak. Hori hala, arazoa birjaio egiten da hemen.
Sozialdemokrazia gogor kritikatzen duzu.
Uste dut ez duela zentzu handirik honetaz hitz egiteak, eurak bakarrik auto-kritikatzen dira eta. Zer proiektu alternatibo babesten du sozialdemokraziak? Kasurik onenean, kapitalismoaren kudeaketa –kapitalismoa modu zibilizatuan kudeatu ahal izango balitz gisan– eta sistemaren arauen onarpena perspektiba doilorrenetik. Europako sozialdemokrazia mendebaldarrak TTIPari eman dion babesa horren guztiaren adibide klasikoa dela uste dut.
Proiektu politiko batek autogestioa alboratu eta estatu-ekintzak mahairatzen dituenean, epe-urriko traza duen etorkizuna iradokitzen duenean eta kapitalismoa ezbaitzen ez duenean, hor daukaguna, ezinbestean, sozialdemokrazia da. Eta sozialdemokraziak dena urpetzen duela dirudi. IU eta Podemos proiektu sozialdemokratak dira.
Onartu beharra dut sektarioegia izatea ez dela komeni. Sozialdemokrazia kontsekuentea eta saldutako sozialdemokrazia bereizi beharko lirateke. Lehenengoak hain dira urriak, baina, uste dudala eurena gurea baino proiektu utopikoagoa dela.
"Utopia" adieraren zentzu peioratiboa aletzen duzu, baina. Marx eta Engelsek karga gutxiesgarri hori atxiki zioten: Fourier eta Owenen sozialismoa utopikotzat joz eta euren materialismo historikoa zientifikotzat.
Ez daukat ezer utopiaren aurka. Utopia oinarrizko elementua da; halabeharrezkoa. Gizarte ezberdin bat eraiki dezakegula adierazten digun elementu mobilizatzailea da. Egia da utopia kontzeptu gisa oso zabala dela eta izan ditzakeela kritikagarriagoak diren alderdiak. Utopia oso urrun dagoen amets bat bailitzan interpretatuz gero, egia da, dimentsio desmobilizatzailetik ere izan dezake. Nik, hala ere, ez dut ezer utopia hitzaren kontra.
Posible da programa ez-sozialdemokraten presentzia estatu liberalaren markoaren barruan?
Bai, Estatuan sinesten duen ezker komunista tradizionalarena. Kontua da, alta, bide itxia iruditzen zaidala berau. Esperimentu sobietarraren kasuan, bere agerpen ezberdinetan, ondorioztatu behar da ez zela proiektu alternatiborik egon. Estatu-kapitalismo burokratikoa. Ez du kapitalismoaren unibertso historiko eta sozialarekin apurtzen, erretorikak justu aurkakoa ondorioztatzea aholkatzen duenean. Zentzu horretan, onartu dezaket kontzeptualki badagoela sozialdemokraziaren ezberdina den proiekturik, baina gertakariek birrinduta amaitzen dute. Estatuaren eta kapitalaren makineriaren engranajeak pipiatuta.
Estatuari buruz, diozu: "Ez du zentzurik berau kontrolatzea eta bideratzea kapitalarekin akabatzea bada xede".
Beste modu batean esango dut: gizartea zentzu positiboan transformatzeko Estatua kontrolatu behar duela uste duena oker dago. Estatuak eta atzean aurkitzen den makineria kapitalistak xurgatu egiten du horrela pentsatzen duena. Egiazki, baina, gure artean, eztabaida egonkorragoa da. Kontenpla daitezkeen ekintza politiko gehienek ez dute gizartea transformatzerik asmo izaten. Kasu honetan, Estatuaren inguruko eztabaida bigarren maila batera igarotzen da. Badago aurretiko bat: zer proposatzen duten Estatua erabiliko dutela diotenek. Daukagunaren ezberdina den ezer berririk ez dute proposatzen. Daukagunaren kudeaketan aldaketak.
"Kapitalismoari ihardetsi nahi dion mugimendu orok ezinbestean hiru oinarri izan behar ditu: desazkundea, autogestioa eta antipatriarkalismoa. Hiru euskarri horietatik baten bat falta den heinean, akabatu nahi den sistemaren elementuak erreproduzitzen ariko da". Estatu liberalaren markoan barne mugimendu altermundistarik identifikatzen duzu?
Hemen bigarren puntua, behintzat, agerikoa da. Autogestioaren logikak irabazitako espazio bakoitza Estatuaren logikak galdutako espazioa da, eta alderantziz. Hori ez ulertzeak harritzen nau, bai baitago jende bat hauteskundeetan parte hartu nahi duena espazio autogestionatu horiei jarraipena emateko asmoarekin. Arrazoibide errespetagarria da, baina nik ez dut ulertzen. Instituzioetan parte-hartzea gizartea des-autogestionatzea da. Hori hala, hor kontraesan bat dago. Autogestioa aldezten ari bagara, esan nahi delarik behetik hartzen direla erabakiak, instituzioen logikan atzera egiten ari gara.
Teknikoki Estatuak ahalbidetu dezake autogestioa, hala ere.
Nik ez dut adibiderik ezagutzen. Eredu klasikoa iraultza sobietarra da. Iraultza sobietarra oinarrizko gai batekin hasi zen: behetik autogestionatutako iraultza, sobietetatik. Estatuaren logika indarka sartzen denean, sobietak logika independente gisa deuseztatzen dira. Era guztietako proiektu autogestionatuak desagertzen dira. Edo okerragoa dena: erretorikoki subsumitzen.
Anarkistak Estatuarekin gehiegi obsesionatzen direla ere ohartarazten duzu.
Egia da. Anarkista asko daude modu legitimo batean Estatuak esan nahi duena zalantzan jartzen duten heinean, Estatuaren atzean kapitalaren logika dagoela ahanzten dutenak. Hori hala, ez diote kapitalaren logikari behar adina atentzio jartzen. Eta nire ustetan garrantzizkoagoa da bigarrena, joko-arau nagusiak biltzen dituelako. Ez hori bakarrik. Askotan oroitzen dut alienazio eta esplotazio modu asko daudela Estatutik igarotzen ez direnak. Horrenbestean, Estatuarekin obsesionatzen bagara, norabidea galtzen ari gara gure gizartea ezaugarritzen duten elementuekiko. Ulertzen dut deriba hau justifikagarria dela pentsamendu libertarioan. Besteek Estatua instituzio gisa idealizatzen duten heinean, ni obsesionatu egiten naiz instituzio horrekin, horrenbeste, ezen errespetagarria, onargarria eta bateragarria den kritika egiten dudala. Beste elementuen ahanztura ekar dezake horrek.
Zure ustez desazkundea ukaezina da egin beharreko prozesu gisa, besteak beste lurreko lehengai naturalak mugatuak direlako. Bi deshazkunde-eredu bereizten dituzu, xehe azalduta: goitik beherakoa eta behetik gorakoa.
Bai, esaten dudana da, hein handi batean, ukatu ezin den prozesu bat dela desazkundea kolapsoa gero eta gertuago dagoelako. Beste bizitza-agertoki batera ohitzea egokituko zaigu, askoz errekurtso gutxiagorekin. Goitik beherako perspektiba mundu mailako biztanleriaren zati bat sarraskitzean oinarritzen da: sobran dago populazioa, beraz, zokoratu beharra dago, edo sarraskitu, kasurik txarrenean. Behetik gorako perspektibak dio: gutxiagorekin bizi gaitezke eta gai gara beste agertoki batera egokitzeko: harreman-ondasunak ondasun materialak baino gehiago balioesten diren jokalekura. Uste dut bereizketa hori legitimoa dela, baina –eta nahasmena sor dezake honek– goitik beherako desazkundea babesten dutenek ez dute "deshazkunde" adiera erabiltzen. Perspektiba kritikoak "ekofaxismo" eta "darwinismo sozial militarizatu" kontzeptuak darabiltza.
Sakonago azal dezakezu ekofaxismoa kontzeptu gisa?
Sobran dagoela ulertzen den biztanleriaren masakrean oinarritzendira proiektuok. Honek esan nahi duena da kontzientzia ekologiko batek ez duela elkartasun-proiektuen sorburu izan behar ezinbestean. Kontzientzia ekologiko batek ondoriozta ditzake enajenazioan eta sarraskian oinarritutako proiektuak. Horixe litzateke ekofaxismoaren logika.
Uler daiteke desazkundea landa-eremuen nagusitasunean oinarritzen dela, hiri-eremuen kalterako.
Hori dimentsioetako bat da. Ez nintzateke aurkakorik esaten ausartuko, hala ere, hanka sartuko genuke desazkundearen proiektua hiritarra landatartzera murriztuko bagenu. Desazkundearen proiektuak gauza gehiago hartzen ditu kontuan: bizitza sozialaren gailentasuna bilatzea (landa zein hiri-bizitzan), aisia sortzailea, azpiegitura askoren tamainaren iraultza, bizitza lokalaren berreskurapena, neurritasuna eta abar. Kontua da, gure gizartearen deribari jarrai, megalopoliak eraikitzen joan garela eta ezin imajina daitekeela deshazkunde-proiektu bat desurbanizazio eta ber-landatartze perspektibatik ez bada. Hala ere, ez dut uste kontu hau modu erradikalegian pentsatu behar denik, hiriak desagertu behar direla pentsatzeraino.
Hiriak duintzeko prozesu asko daude, hiri-baratzeen bitartez eta abar. Paris elikagaiz auto-hornitzen zen duela mende bat; ekarri beharreko elementu interesgarria da. Hori kapitalismoaren logika merkantilistak birrindua izan da. Trantsizio etapa batez hitz egin behar da, eta etapa horrek esan nahi du oraingo logikaren parte diren elementu askorekin burutu beharko dela trantsizio hori. Ezin dugu pentsatu etzi hiriekin akabatu eta landa-bizitza eraikiko dugunik.
"Ezker politikoari iraultza zer den galdetuz gero, 'gizakia erdigunean jartzea' erantzungo du, setatsu. Ez da ohartzen mundua nazkatuta dagoela gizakiaz. (…) Espezieari traizioa egiteko mementoa iritsi da. Ez baita inolako gizadirik existitzen, lurtarrak eta etsaiak baino. (…) Iraultza gizonari gerla-adierazpen bat egitean datza. Lurra ipiniz erdigunean". (Comité Invisible, A nous Amis, 2014ko urria).
Mugimendu erradikaletan presentzia duen diskurtsoa da. Argudioa muturrera eramanez, adierazten dute ama lurrari eta planetaren logikari egin diezaiokegun ekarpen nagusia espezie moduan gure buruaz beste egitea dela. Hautsi ditugun orekak berreraikitzeko modu bakarra litzateke. Filosofikoki oso serioa den argudiaketa da, baina ez da oso serio hartu behar ez baitut jakin esaldi hori agertu zuenak lehen pausoa eman duenik.
Baina argumentu horiek interesgarriak iruditzen zaizkit, naturarekin dugun harremana modu ezberdinean berreraikitzeko beharra ilustratzen baitute, eta onartzen, gu garela subjektu nagusia. Planetaren muga demografikoen inguruko eztabaidekin ematen da aditzera hori. Esaten da: lurrak, nik zer dakit ba, bost mila milioi edo hamar mila milioi gizakientzako edukiera baino ez du, modu bidezkoan. Eta beste espezieak zer? Ez dute axola? Oso garrantzitsuak diren itaunketak dira, diskurtso antiespezistak erdigunean kokatzen dituena, gainera, ez baita marjinala. Hori planteatzeko gai ez bagara, garrantzizkoak direla uste dugun gauzak ere nekez konponduko ditugu. | news |
argia-5271678edcb0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/ekainaren-28a-gure-aldarriak-ikusarazteko-eguna.html | Ekainaren 28a: gure aldarriak ikusarazteko eguna | June Fern�ndez | 2015-07-12 00:00:00 | Ekainaren 28a: gure aldarriak ikusarazteko eguna
Auzoko denda batera joan nintzen nire bikotekidearekin. Bera, S, kanpoan geratu zen. 8-9 urte inguruko neskatila bat berarekin hitz egiten hasi zen, dendariaren alaba seguru asko. Niri begira keinu bat egin zion:
– Nor da? Zure ahizpa edo zure laguna?
– Nire nobia.
Haurra zeharo harrituta geratu zen: "Hori ez da posible". Fruta ordaintzeko txanpon pare bat falta zitzaidala ikusita, S-rengana jo nuen. Neskatilak umeek izan ohi duten lotsagabekeriaz bota zidan: "Neskalagunak baldin bazarete, froga ezazue: elkar musukatu!". S-ri masailean musu bat eman nion. "Ez, ez, A-HO-AN", esan zuen. Aho batez ezetz esan genion. Ordaintzera itzuli nintzen eta berriro kalera ateratzean, neskatilak temati jarraitzen zuen: "Benga, mesedez. Eman musu elkarri!". "Baina ez al dakizu neskak neskekin eta mutilak mutilekin maitemindu ahal direla?", itaundu nion. "Bai, baina ez dut nire begiekin halako zerbait inoiz ere ikusi". Tira, azkenean halako pikito arin bat eman nion S-ri. Haurra poz-pozik garrasika hasi zen. Antza, berarentzat ikuskizun zirraragarria omen zen. Ziztu bizian dendara sartu eta albistea oihukatu zuen: "Bi emakume elkar musukatzen ikusi dituuuut!". Handik ihes egin genuen, atzetik dendaria aterako ote zitzaigun beldurrez, bere alaba perbertitzen ari ginelako edo.
S-k kontatu zidan ni erosketak egiten ari nintzen bitartean umeak galdera pila egin ziola. "Baina bera zure neskalaguna baldin bada, gizonezkoa al zara zu? Baina, zergatik ez duzu nobiorik?". S-k "lesbiana naizelako" esan zuenean, umearen begiak asko-asko ireki omen ziren; "eta zuri ez zaizkizu neskak gustatzen?" galdetu zionean baita ere.
Dendariaren erreakzioari buruzko jakin-minez geratu ginen. Jakin-minez eta kezkaturik. 8-9 urteko haur batek homosexualitatea hain arraro sumatzen baldin badu, argi dago ez duela sexu aniztasunaren aldeko girorik arnastu. Orduan, zer esango zuen bere aita/osabak edo dena delakoak? Haserretuko zen? Haurrari oso serio esango zion hori bekatua dela edo "lesbiana" hitza ez dela ezta aipatu behar? Eta hala bada, neskatilak sinetsiko zukeen? Zer eragin izango du S-rekin izandako solasaldiak haren sentipenetan eta bere garapen afektiboan? Berehala dena ahaztuko du ala heldua denean gogoratuko du hori izan zela kontzienteki lesbiana batekin hitz egin zuen lehen aldia?
Espainiako Estatuan homosexualen arteko ezkontza eskubidearen onarpenaren 10. urteurrena ospatzen da aurten, uztail honetan. Gay aktibista bati entzun nion aurrerapauso horren ondorioz belaunaldi berriak aukera hori existitzen dela jakinez hazten ari direla. Alde batetik egia da, legeek badaukate eragin pedagogiko bat. Baina neskatilaren erreakzioa ikusita, argi dago normalizazioa ez dela oraindik lortu. Haurrek badakite familia eta sexualitate eredu anitz daudela, baina uste dut gehienentzat errealitate anekdotiko bat dela, euren biografiarekin, euren etorkizunarekin, loturarik ez duena.
Gertakari hau LGTB harrotasunaren egunaren bezperan izan zen. Heterosexual gehienek ez dute ulertzen armairua zer den. Duela gutxi zendutako PSOEko politikari eta gay aktibista Pedro Zeroloren esaldi bat bidali didate ekainaren 28an WhatsApp-en bidez: "LGTB harrotasuna, egunero entzun behar dituzun astakeriak jasateko tamainan –hankek dardar egin gabe– eduki behar duzun auto-estima da". Ekainaren 28a gure gorputzak eta aldarriak ikusarazteko data beharrezkoa da, baina aktibismoaren esparru nagusia ez da hori, fruta-denda, bulegoa edota taberna baizik; heterosexismoaren arauak hausten dituztenentzat, borroka existitze eta ikusgai izate hutsa da. | news |
argia-0d59268c1217 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/garagardoa-ere-egin-daiteke-bestela.html | Garagardoa ere egin daiteke bestela | Lander Arretxea | 2015-07-12 00:00:00 | Garagardoa ere egin daiteke bestela
Garagardo marka baten marketin arduraduna da Urtzi Ugalde. Ez da multinazional erraldoiko pieza bat gehiago ordea, beste sei lagunekin batera sortu duten kooperatibako bazkide baizik. Horizontaltasunean eta elikadura burujabetzan oinarrituta ari dira euren produktua ekoizten: Boga garagardoa.
Duela lau urte hasi ziren garagardogintzan. Bilboko Kukutza gaztetxean eman zituzten lehen pauso haiek, zaletasunak eta euren baliabide propioekin ekoitzi nahiak bultzatuta. 50 litro egiteko gaitasuna zuten orduan. "Zenbait jai eta tabernetan jarri genuen salgai, lagun artean edan eta orokorrean harrera ona izan zuela uste dugu. Urteak joan ahala esperientzia, ideiak eta esfortzua batu ditugu, eta hori guztiaren fruitua da gaur egungo Boga kooperatiba".
Orain ordea, bi mila eta lau mila litro artean ekoizteko gaitasuna duen fabrika dute Mungian. Taldean ingeniaritza kimikoan doktoreak eta ingurugiro zientzietako adituak dituztela baliatuz, euren kabuz eta berezko diseinuarekin eraiki dute planta. "Erronka itzela izan da, baina ilusioz eta lan eskergaz, lortu dugu".
Bertan ekoizten duten garagardoa ez da multinazionalek egiten dutenaren gisa berekoa. Euskal Herriko lehengaiak lehenetsiz eta modu naturalean egiten dute, pasteurizaziorik eta kaltegarria izan daitekeen gehigarririk gabe. Urtzi Ugalderen arabera, "garagardo industrialekin alderatua zapore eta gorputz bereizgarria eskaintzen dio horrek kontsumitzaileari".
Kooperatiba, justuena eta eraginkorrena
Hasieratik izan dute argi kooperatiba izan beharra zutela, proiektu demokratikoago bat sortzeko tresna juridikoak ematen dituelako. "Azken finean, langileok gara enpresaren kudeaketaren arduradunak. Eredu hau da langileentzat justuena, baita proiektuarentzat eraginkorrena ere".
Zazpi bazkide dira guztira: hiru langile, eta lau laguntzaile. Lanean ari diren hirurek osatutako kontseiluak hartzen ditu eguneroko erabakiak, baina gai garrantzitsuagoak jorratzeko denei zabaldutako asanblea egiten dute.
Finantziazioa ere kolektiboa
Mungiako fabrika martxan jartzen inbertsio handia egin behar izan dute, bai lanari dagokionez, eta baita diruz ere. Horri aurre egiteko, ehun herritar, tabernari, elkarte eta konpartsa baino gehiagoren babes ekonomikoa jaso dute, berme mankomunatuen bidez. "Bogalarien sare hori da kooperatibaren benetako altxorra". Horrez gain, Koop57 finantza-kooperatibak emandako kreditua ere baliatu dute.
Horrela lortu dute Bizkaiko hamar bat taberna eta dendatara Boga garagardo horixka eramatea. Euskal Herriko txoko ugaritako jai herrikoi eta ekimen kulturaletan ere ari dira parte hartzen, eta pixkanaka gero eta toki gehiagotara zabalduko dute. "Gure helburua, udazkenarekin batera saltokien kopurua bikoiztea da". | news |
argia-e56d76bea80a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/lau-erdaldunetik-bat-diskriminatuta-sentitzen-da-euskararen-aldeko-neurriak-hartzen-direnean.html | Lau erdaldunetik bat diskriminatuta sentitzen da euskararen aldeko neurriak hartzen direnean | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-12 00:00:00 | Lau erdaldunetik bat diskriminatuta sentitzen da euskararen aldeko neurriak hartzen direnean
Baieztapen zehatza ondokoa da: "Euskararen aldeko neurriek erdaldunak diskriminatzen dituzte". Beheko grafikoan ikus daitekeen moduan, %26 baieztapen horrekin guztiz edo nahiko ados dago; %61 nahikoa edo guztiz aurka dago; %7 ez dago ez aurka ez alde; eta gainerakoak ez daki zer erantzun.
Bigarren esaldiak honela dio: "Hemen euskaldunen eskubideak urratu egiten dira", eta herritarren erantzunak: %29 guztiz edo nahiko ados dago; %56 nahikoa edo guztiz aurka dago; %7 ez dago ez aurka ez alde; eta gainerakoak ez daki zer erantzun.
Euskararen gaineko jarrerez eta iritziez galdetu die EAEko herritarrei Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Emaitzak Euskara: jarrerak eta iritziak ikerketa lanean aurki daitezke www.euskadi.eus-en. Besteak beste, euskararen sustapenaz, hizkuntza eskubideez, lan munduaz, euskara-gaztelania-ingelesa hirukoteaz, eta euskararen garrantziaz galdetu diete herritarrei. | news |
argia-fe7f96f8498a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/amontzea.html | Amontzea | Jakoba Errekondo | 2015-07-12 00:00:00 | Amontzea
Amona mantangorria etxean sortu eta haz daiteke. Udaberrian eta udan nonahi jartzen dituen arrautzak bildu behar dira. Horietatik beldartxoak jaioko dira, metamorfosian barrena, amondu aurretik pupan bilduko direnak. Beldar edo amona, zorri eta kotxinila barra-barra jango dute. Sagastian, baratzean... Intsektu zurrupatzaile jendaila zital hori apopilo duten landareetan zabaltzeko amona haztegia moldatu etxean. Aise egingo duzu, arnasa hartzearen hurrengoa da errazean, eta ez zara damutuko. Intsektizida zakar eta pozoitsuak alde batera uzteko era samurrena.
Amona mantangorriaren arrautzak multzoka aurkituko dituzu. Hostoen azpiko aldean, zorri edo kotxinila izurritea den tokitik urrutira gabe edo bertan, intsektuen tartean bertan. Errun berriak badira, beilegiak. Gerora gorritu eta atzenean belztu egingo dira. Hori-hori horiek bildu. Ontzi batean, toki epel edo bero batean jarri, baina ez eguzki galdatan. Behin arrautzak belztuta, barruan beldartxoa bizi-bizi dago, irteteko amorratzen. Tenperaturaren arabera bi eta zazpi egun artean arrautzak zabaldu eta beldar beltx ttikiak ikusiko dituzu. Hankatxoak izango dituzte, sei, eta itsu eta hego gabeak izanda ere, jatena bilatzeari ekingo diote, irrika biziz. Ordurako, zorriak dituen adar muturren bat jarri aldamenean. Zorriak ahoan duen eztena txist sartu eta landarearen izerdia zurrupatzen du; txista egiteko bigunena eta izerdi gehiena dabilen tokia adarraren muturra da, puntta berria. Etengabe beharko dituzte zorriak. Nahi izatera, zorridun landarean bertan lotu ontzia eta haiek mugituko dira bazkaren usainean. Pare bat zentimetro eskas hazi direnean pupa batean bilduko dira, talo batean bildutako txistor muturraren tankeran.
Zortzi bat egunera, amonduta aterako da: amona mantangorria. Ez da gorria izango, ordea, bizkar gaina larua izango du. Pare bat egunean gorrituko zaio. Bizkarreko kapa gorriaren azpiko tolestatutako hegoak zabaldu eta hegan abiatuko da, zorri bila, lehen oinez, orain hegan. Amonduta bada ere apetitua ez du makala izango, zortzi eguneko gosea berdintzeko zorri mordoxka beharko du...
Zorriak ere ez dira motzak. Amondu, hegoak garatu eta alde egin dezakete. Inurriak laguntzaile finak dituzte: zorriak landarea zulatzen duenean haren izerdi gozoa jariatzen da. Inurriak, izerdia baliatu ahal izateko, zulatzaileak babesten ditu. Eta amona mantangorriak uxatzen ditu, zorriak jan ez ditzan. Amondutako mantangorri hegadunek alde egingo dute, baina beldar mantsoek inurrien erasoa jasanezina izango dute. Mantangorrien lanari laguntzeko, inurriei landarean gora igotzea eragozten zaie: enborrean itsaskorra den gairen bat edo likadun gerriko bat jarri, bertan itsats daitezen. | news |
argia-3f4cca419d4f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/euskadiko-orkestra-sinfonikoa.html | Amaiera txalogarria | Montserrat Auzmendi del Solar | 2015-07-12 00:00:00 | Amaiera txalogarria
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Jun Märkl
Donostiako Orfeoia
Zuzendaria: Jose Antonio Sainz Alfaro
Bakarlaria: Olena Tokar (sopranoa)
Egitaraua: Madina, Poulenc eta Berlioz-en obrak
Lekua: Gasteizko Principal Antzokia
Data: ekainaren 10a
Amaitu da Euskadiko Orkestraren 14/15 denboraldia, eta azkeneko saiorako gutiziaz betetako egitaraua prestatu ziguten. Saio dotore eta landu hau hain ezaguna eta ederra den Aita Madinaren Aita Gurea lan koral laburrarekin hasi zen. Argentinan 1946. urtean konposatutako otoitz sentitu honek interpretazio gozo eta soila izan zuen Orkestraren eta Donostiako Orfeoiaren eskutik.
Bost minutuko harribitxi horren ondoren, musika eliztarraren beste adibide zoragarri bat dastatu genuen: Francis Poulenc-en Gloria , konpositore frantziarraren lan ezagunenetakoa. Abesbatza eta sopranoarentzako egina dago obra hau, eta aldi honetan Olena Tokar soprano ukrainarrak bere ahots argitsua eta bere adierazkortasuna luzitu zituen lanean zehar, baina batez ere hirugarren mugimenduan, Domine deus, rex celestis izenekoan, non benetan kantu dramatiko eta sakona egin zuen.
Eta saio eta denboraldiarekin amaitzeko, musika deskribatzailearen adibide handienetakoa: Berliozen Sinfonia fantastikoa . Errusiako Nikolas I.a tsar-aren omenez, bost mugimenduz osatutako sinfonia ezohiko honetan hainbat irudipen eta amesgaizto deskribatzen dira, eta honek ematen dio sinfoniari giro berezi eta imajinatiboa. Irakurketa dinamiko eta taxuzkoa egin zuten Euskadiko Orkestrakoek. Frogatuta geratu zen berriz ere, Jun Märkl zuzendariaren eta taldearen arteko elkar ulertzea. Hurrengo denboraldiaren zain geratzen gara. | news |
argia-ca9bd7507cf3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/berriak-oposizioan.html | Berriak oposizioan | Ramon Etxezarreta | 2015-07-12 00:00:00 | Berriak oposizioan
Javier Marotoren kontrakoa, xenofobiaren kontrakoa izan dela sinesten duenak eraman dezala bere bizkar konbikzio hori. Ez zait gustatu zenbaiten ase ezin politikoa, ezta ohi jendearen –jende arruntaren– portaera ere. Izan denak, nola ahaztu gabe, denarekiko begirunezko distantzia zuhurra gorde behar luke, eta kritika politikoa beste estilo batekin egin. Ahaide politiko eta odoleko gehiegi ikusi dut altxorra banatzeko orduan: Gasteiz, ¡para que gastéis! Balitz xenofobiagatik! Merke dago PPren aurrean aurrerakoi irudikatzea, zail, aldiz, xenofobiaren kontrako praktikak irentsi, onartu eta errotzen bultzatzea.
Lehen indarrari gobernatzen uztea beste bat da. Duela ez asko arte bekatu larria zen, sakrilegioa, hari, abertzalea bazen behintzat, aurrea hartzea. Oraingoan libre ez ezik derrigorrezko ere bazirudien politikoki zuzena izatekotan. Hala gertatu da Nafarroetan. Inoiz ez dut aintzakotzat hartu lehenengoari gobernatzen uztea, gehiengoarena baita, beti, zilegitasuna eta gehiengoek gutxienez bi gauza izaten dituzte berekin, elkarrizketa eta akordioa.
Kontua ordea, akordio horien nolakotasunean datza. Ez dakit zer kohesio eta akordio kalitate izango dituzten estu eta justu osatu diren horiek. Zenbat eta talde politiko gehiago koalizioetan orduan eta hauskorrago izaten dira gobernuak. Ikuskizun, denbora izango da lekuko.
Bien bitartean, ea parada profitatzen den bi komunitate politiko administratiboen arteko harremana normaltzeko eta, bide batez, normaltzeak berak zer esan nahi duen erabakitzeko.
Gobernu formula berriak baino oposizio berriak dira nobedade deigarri. Gogor joan dira herritarrak Bilduren gobernu esperientzia ukatu eta uxatzera. Xehetasun ñimiñoak dira, baina Zerain eta Igeldo datozkit gogora.
Gipuzkoako herritarren partaidetzarako zuzendariak (Arantza Ruiz de Larrinagak) marka ontzen eta hausten zaila jarri du alkatea –bere burua, alegia– izendatzerakoan, Gipuzkoako abstentziorik handiena lortu du, probintziako herri guztietakoa ia bikoiztuz. Igeldon berriz, galdeketa famatu haren –Donostiako udalaren jarrera neutral lotsagarri haren– kontrarioek botoak bikoiztu egin dituzte.
Edozein izango dela ere herritarren partaidetza oposizioan, ez da oraingoan biolentzia protagonista izango, ez kide ere. Hori bai izango dela egiteko eta parte hartzeko modu berria. | news |
argia-9dee243e1251 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2469/kirol-mistoa.html | "Denek batera jokatzea askoz aberasgarriagoa da, zabalagoa da esperientzia" | Mikel Garcia Idiakez | 2015-07-12 00:00:00 | "Denek batera jokatzea askoz aberasgarriagoa da, zabalagoa da esperientzia"
Festen aitzakian, kirol txapelketa herrikoiak ugaritu egiten dira uda partean. Neska-mutilentzako txapelketa irekiak dira maiz, baina oraindik ere gizonezkoak dira parte hartzen duten gehiengo handia. Alba Sistiagak eta Garazi Lizarragak palan jokatzen dute urtean zehar, ia astero, eta Irungo Mosku auzoko pala txapelketan hartzen dute parte, uztaila-abuztuan. Iaz neska bakarrak izan ziren. Aurten, izena eman duten 48 lagunetatik, 5 dira emakumeak.
Mutil eta neskentzako txapelketetan, batik bat mutilek ematen dute izena.
Garazi Lizarraga : Bai, eta horrek berak izena emateko gogoa kendu dezake, nolabait. Gurpil zoroa da: zerrenda ikusten duzu eta denak mutilak dira, badirudi mutilen txapelketa dela, ez mistoa.
Alba Sistiaga : Eta neska bazara iruditzen zaizu ez zaudela maila berean, ez duzula maila emango, lotsagarri gera zaitezkeela...
G. L. : Ez gaude kirol mistoetara ohituta. Adin batetik aurrera mutilak mutilekin eta neskak neskekin banantzen gaituzte, eta hortik aurrera ez duzu aukerarik kirol mistoan jokatzeko, ez bada horrelako txapelketa herrikoietan, baina nola aurretik ez duzun landu mutilekin batera jolastea, kirol mistorako aukera agertzen denean ez duzu pauso hori ematen. Mutilak eta neskak ohituta egongo bagina elkarrekin jokatzera, beste modu batean hartuko genituzke horrelako txapelketak. Alegia, lanketa aurretik eman behar dela: txapelketa hauetan neskek normaltasunez eman dezaten izena, kirol mistoa haurtzaroan jorratzen hasi eta adinean aurrera egin ahala lantzen jarraitu beharko litzateke.
A. S. : Bai, gaitasun fisikoak muga direlako batzuetan, baina kirol modalitatearen arabera, ez beti. Pala txapelketan adibidez guk baino indar handiagoa dute mutilek, baina hainbatetan indarra baino garrantzitsuagoak dira teknika, trebezia, tantoa ikusteko modua…
Kirol mistoak zein ekarpen egin dezake?
A. S .: Esaterako, seguru nesken taldeek eta mutilenek ezberdin entrenatzen dutela, bada mistoetan bietatik jaso dezakezu, eta hori positiboa da. Kolektibo mugatu batekin bakarrik jokatu beharrean (kasu honetan, bakarrik mutilekin, edo bakarrik neskekin), denekin batera jokatzen badut, askoz aberasgarriagoa izango da, eta askoz gehiago ikasiko dut denengandik, zabalagoa izango da esperientzia.
G. L .: Bizitzan bezalaxe. Gure arteko harremanari egiten dio ekarpena.
Txapelketara neska gehiago animatuko lirateke, mutilentzako eta neskentzako kategoria bananduak egingo balira?
G. L. : Nik hasieran pentsatu nuen bi maila egitea egokia izan zitekeela, oso onak direnak eta ez hain onak direnak bereizteko eta bakoitza bere mailan aritzeko, eta saihesteko, nahiz eta ez den joera orokorra, bikote bat iristea eta zu "zanpatzea", tantoak egiteko eta jokatzeko ere apenas aukerarik utzi gabe. Baina gero konturatu nintzen hori ghettoak sortzea dela eta txapelketa herrikoiak mistoa eta irekia izan behar duela, denak denekin aritzeko, guk ere nahi dugulako bikote onen aurka jokatu. Baina jokatu egin nahi dugu, eta horretarako, bikote on horiek maila jaitsi behar dute edo frontoian dena ez eman.
A. S. : Izan ere, jai batzuetako txapelketa herrikoia da, ez txapelketa profesionala, eta jende batek ez du oso garbi hori.
Gizonen kontua da oraindik lehiakortasuna?
A. S. : Tira, gu ere oso lehiakorrak gara, jakin arren maila berean ez gaudela.
Zein helburu jartzen diozue zuen buruari?
G. L. : Gure erronka da 10 tanto egitera iristea.
Lehiakortasuna ulertzeko modu ezberdinak daude?
G. L. : Uste dut baietz, gu lehiakorrak garen arren beste batzuek ezberdin bizi dutelako, hain lehiakor, hain muturreko, non ez dizuten tanto bat egiten ere uzten, matxakatzea lehenesten dute, jokatzearen aurretik. Eta guk ulertzen dugu lehiakortasunaren gainetik beste balore batzuk daudela; bi bikoteek jokatu ahal izatea eta beste bikoteak ere ongi pasatzea hobesten dugu. Muturreko lehia joera orokorra da: gaztetxeak antolatzen duen futbol txapelketan ere hartzen dugu parte, neska bakarrak gu biok gara, eta mutil askok hil ala bizikoa bailitzan jokatzen dute, izugarrizko astinduak ematen dizkiote baloiari. Telebistaren bidez kirol profesionalaren eredua jasotzen dugu eta eragin handia duela esango nuke, lehiakortasuna handia da edozein herriko txapelketa amateurretan.
A. S. : Gu azkenean jokatzera gatoz, txapelketan ez dugu izena eman gero pilota ez ukitzeko… Dena den, Moskuko pala txapelketaren kasuan, izaera herrikoia mantentzen du eta edonork eman dezake izena. Zergatik ez du jende berriak izena ematen? Hori da aztertu beharko litzatekeena.
Noren esku dago txapelketaren izaera herrikoia mantentzea?
G. L. : Parte hartzen dutenen eta parte hartuko duen jende berriaren esku. Kontziente izan behar dugu jai herrikoi batzuen barruko txapelketa dela, eta jai horien filosofia eta izaera bera mantendu nahi eta behar duela txapelketak berak ere. Eta batzuek profesionalak bailiran jokatzen badute, ba ez dute beste profil bateko jende berria apuntatzera animatzen…
A. S. : Baina gure esku dago horri buelta ematea. Guk izena eman dugun bezala, neska gehiagok izena ematen badute, edo beste profil bateko jendeak, izaera hori emango diogu txapelketari ere.
Bide horretan, aurtengo edizioan oharra gehitu dute txapelketako antolatzaileek. Hala dio oharrak: "Gogoratu txapelketa herrikoia dela, helburu bakarra denen artean ongi pasatzea eta elkar ezagutzea dela. Jokalari guztiek errespetuz jolastu beharko dute beste bikoteen kontra, ez da txapelketa lehiakorra (horrek ez du esan nahi partidu polit eta gogorrak ezin direnik jokatu, noski)".
A. S. : Inportantea da hori azpimarratzea, izena ematen dutenek jakin dezaten zertan hartzen duten parte. Hala ere, txapelketaren zereginetik harago doan gaia da: heziketa eta aurreko lana da gakoa, kirolean bestelako baloreen kontzientzia gureganatzeko.
Txapelketa berreskuratu zenetik, hirugarren edizioa da aurtengoa. Lehenengoan hiru neskek hartu zenuten parte, iaz zuek baino ez. Nolako esperientzia izan duzue orain arte?
A. S .: Oso ondo pasatzen dugu. Lehiatzera ateratzen gara, gure buruarekin haserretzen gara... Kar, kar, kar. Gustura aritzen gara. Ez gaituzte ezberdin tratatzen emakume izateagatik. Batzuek maila jaisten dute guk maila apalagoa dugulako, baina ez emakumeak garelako.
G. L. : Eta beste batzuk sekulako indarrez aritzen dira eta indar horri ezin diogunez erantzun, kito. Zenbat eta tanteo hobea egin, hobeto datorkielako txapelketarako. Gu ez gaituzte inoiz zeron utzi, baina beste bikoteren bat bai. Hori herrikoia da?
A. S. : Bai, denetarik dago.
Zer egingo zenukete neska gehiago animatzeko?
A. S : Hasteko, neska askoz gutxiago dabiltza frontoietan. Heziketa ezberdina jaso dugu eta mutilak gehiago bideratu dira kirolera, neskak ez. Gure auzoko jaietan adibidez, neskak batez ere azoka antolatzen gaude, edo haur-jolasak gidatzen.
G. L. : Agian, ikastaroren bat antolatu beharko genuke urtean zehar neskak frontoira animatzeko, ez juxtu txapelketara animatzeko. Hasieratik landu beharko litzateke, sakoneko arazora jo: zergatik ez dugu inoiz neskarik ikusten palara jokatzen frontoi publikoetan, 61.000 biztanleko herri batean? Oso eremu maskulinoa da frontoia, oraindik ere. Neskak, txikitatik, frontoian mutilak ikusten ditu beti eta neskak beste eremu batzuetan, eta ez du planteatu ere egiten frontoira joatea, terreno arrotza du, ez du bere leku sentitzen, txikitatik joera jakin batzuk elikatzen goazelako. Horri eman behar zaio buelta.
A. S. : Telebistan pilotan emakume pilotari gehiago ikusteak lagunduko luke, adibidez, emakumeak frontoian ikusarazteko eta herritarrak animatzeko.
G. L. : Beste modu bat izan daiteke antolatzaile lanetan gu hastea, bi neska, eta nahiz eta egungo antolatzaileak gure sentsibilitate berdina duen eta hori bultzatzen duen, kanpokoentzat eragina izan dezake jasoko duten irudia gu izateak.
A. S. : Hori ez dut hain argi... Norberaren esku dago pausoa ematea eta niretzat adibidez ez da muga pertsona oso lehiakorrek ere parte hartzea. Ulertzen dut hainbatek beldur horiek izatea, baina beldur guztiak gainetik kentzera animatuko nituzke.
Sistiaga eta Lizarraga lehiakorrak dira, baina horren gainetik bi bikoteek jokatu ahal izatea eta beste bikoteak ere ongi pasatzea hobesten dute. Beldurrak uxatu eta txapelketan izena ematera animatu dituzte neskak. | news |
argia-b2023a4a0f93 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/erraustegiaren-zorra.html | Negozio txarra Gipuzkoako herrientzat | Urko Apaolaza Avila | 2016-10-02 00:00:00 | Negozio txarra Gipuzkoako herrientzat
Udazken honetan esleituko du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauskailuaren lehen fasea. Udazken honetan ere, hainbat udalerrik esku artean izango dute partzuergotik ateratzeko azterketa. Proiektuaren kostuak –mila milioi eurotik gora– eta hori pagatzeko ezarriko diren baldintza gogorrek, hankaz gora jarriko dute hondakinen kudeaketa jasangarrirantz udalerri horietan orain arte egindako lana. Herritarrak prest al daude ondorengoei halako zorra uzteko?
Herritar asko bakantzetarako –edo udako behin-behineko lanaldia hasteko– zenbat egun geratzen ziren kontatzen ari zirela, data bat gorriz markatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egutegian: uztailaren 28a. Ikasturteko azken aurreko eguna aukeratu zuen ikasturteko erabaki inportanteena hartzeko, Zubietako erraustegiaren eraikuntza eta gestioa esleitzeko baldintza-pleguak onartzea.
Bateko Gipuzkoa Zutik-en protesta baketsu eta ikusgarriak, besteko GuraSOS elkartearen eta osasunaren aldeko mediku taldearen kritikak, errausketaren kontrako mugimenduak estualdian sarturik zituen uda hasieran Gipuzkoako Aldundiko arduradunak. Uztail amaieran jende gehiena hondartzan izango zela aurreikusi zuen agian GHK-k –Zubietako proiektua bultzatzen dabilen sozietate publikoa da, Aldundiaren eta udal mankomunitateen artean osatua–, baina hala ere ehunka lagun bildu ziren Donostian izara zuriak hartuta Zuen negozioa, gure minbizia lelopean, "Gipuzkoan inoiz egin den diru xahuketa handienetako bat" salatzeko.
Hori gertatu bitartean, askoz oharkabeagoan igaro ziren hainbat udaletan ematen ari ziren mugimenduak, 200.000 tona zaborrentzako erraustegiaren proiektuak zertara lotuko zituen jakin ostean.
Hitz modernoak, formula zaharra
Hondakinen kudeaketa udalerrien eskumenekoa da eta horiek mankomunitateetan bildu izan dira. Gero hondakinen kontsortzioa sortu zuten, hark berriz 2007an GHK sozietatea, erraustegia eraikitzeko. Zentralizatze bidean emandako urratsei, pribatizatzerantz emango direnak gehitu behar zaizkie. Partzuergoaren planaren arabera, 35 urtez kontratista baten esku geratuko dira erraustegia eta herritarren hondakinak. Aldundiko arduradunek public-private partnership edo "adiskidetasun publiko-pribatu" bezala deskribatu dute operazioa.
Ingelesezko hitzez jantziriko formula zahar eta aski ezaguna da. Enpresak zerbitzu publiko bat bereganatuko du, eta errentagarria suertatzen ez bazaio administrazioak bermatuko dizkio etekinak, horretarako herritarrei oinarrizko beste zerbitzu batzuk eskaini behar ez badizkio ere. Halakoez ondo dakite Tesalonikan uraren defentsan ari direnek, Txilen
Partzuergoan sartzea posible bada, irtetea ere bai. Erraustegiaren esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori
pribatizaturiko pentsioak berreskuratu nahian dabiltzan herritarrek, edo Artxandako tunelak igarotzen dituzten auto-gidarien eta bizkaitarren poltsikoek.
GHK-k uztaileko bilera erabakigarria egin aurretik, erraustegiaren esleipenak gipuzkoarrei jarriko dien motxila astunaren berri bagenekien prentsaren bidez: mila milioi eurotik gorako kostua, %10,5eko interesa enpresentzat (ikusi 26. orrialdeko grafikoa), erabileran baino tarifa bakarrean oinarritutako kuota bidegabeak… Ba al dago inor horrelako klub bateko kide izan nahi duenik?
Deloitte aholkularitza etxeak GHK partzuergoarentzat egindako azterketa batek are argiago utzi du nola amarratu nahi dituzten udalak erraustegira. Hamar orrialdeko fiskalizatze txostenean dioenez, Zubietako plantaren eraikuntza eta kudeaketak sorturiko zorra "derrigorrez eta lehentasunez" ordaindu behar izango dute Gipuzkoako udalek 35 urtez, beste edozein gasturen aurretik.
Erraustegia ustiatuko duen enpresa pribatuak " salvaguarda " gehiago ere izango du gure hondakinetatik negozioa egingo duela ziurtatzeko. Udal batek partzuergoak inposatutako tarifa ordainduko ez balu, Aldundiak beste kontzeptu batzuetatik "kitatuko" dio dirua –foru funtsetik jasotzen dute udalek urteko aurrekonturako diru poltsa handiena–. Gainera, ezin izango dizkio hondakinak beste inori saldu, merkeagoa eta hobeagoa izanagatik ere. Eta partzuergotik ateratzea erabakiz gero? Berdin ordaindu beharko du zorra, baita banantzeak gainerako udalei sorturiko kalteordaina ere.
Baina sartzea posible bada, irtetea ere bai. Esleipena ez da oraindik sinatu eta hainbat udalek iragarri dute aztertuko dutela aukera hori. Hondakinen kudeaketan pauso esanguratsuak eman dituzten herriak dira, birziklapen tasa oso altuak dituzte, biztanleko errefus kilo gutxi sortzen dute eta Europako erakundeek eredugarritzat jarri dituzte behin baino gehiagotan. "Usurbilek %83tik gora birziklatzen du, nolatan ez dugu ba aukera hori aztertuko?", dio Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.
Zubietan erraustegia egin behar den tokitik oso gertu dagoen Usurbilen (6.000 bizt.) proiektu horren kontrako borrokan nabarmendu izan dira herritarrak. Urriaren 21etik 23ra erreferenduma antolatu dute, erraustegiaz Gipuzkoan egingo den lehena: "Oso aintzat hartuko dugu emaitza –dio Arregik– herritarren hitza agindu zehatza delako guretzat". Uztailaren 26an udal plenoak mozioa onartu zuen esanez Usurbilek Gipuzkoako "hondakinen arkitektura instituzionalean" ez duela tokirik, eta batzorde bat sortzea erabaki zuen aztertzeko teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki nola atera daitezkeen San Marko mankomunitatetik. Batzorde horrek memoria bat aurkeztuko du "bi hilabeteko epean, gehienez ere".
Gauza bera onartu zuten Oiartzunen eta Zaldibian, baita Hernanin ere, hor azterketa udalak berak hartu du bere gain ordea. Abiadura eta tempoak ondo neurtu behar diren aldagaiak dira asunto honetan: enpresek hemendik aste gutxi arte dute konkurtsora aurkezteko epea eta partzuergoak obrak urri hondarrean esleitu nahi ditu.
Zama ekonomiko itzela
Udalerri horien exit-a gauzatuko balitz, GHK-ko barne orekan zer eragin izango duen jakitea zaila da, baina bistan da beste bazkideei are astunago egingo zaiela errauskailua eraiki eta mantentzea. Eta lehendik aurreikusitako zama ekonomikoa ez da nolanahikoa, ARGIAk eskuratu ahal izan duen dokumentu baten arabera.
Gipuzkoako udal kontu-hartzaile batek simulazioa egin du, lurraldeko herri guztiek 35 urtean, eta urtero, erraustegiagatik ordaindu beharrekoa zein den jakiteko. Horretarako mila milioi euroko zifra "kontserbadorea" hartu du aintzat, enpresek esleipenean beheranzko eskaintzak egingo dituztelakoan –nahiz eta askok ziurtzat ematen duten amaieran proiektuaren kostua askoz handiagoa izango dela; Deloittek berak 1.407 milioi eurokoa izango dela dio–.
Simulazioaren arabera, adibidez, Donostiak 7,4 milioi euro jarri beharko ditu urtero 2051 arte hondakinak erretzeko, Tabakalerari ematen diona halako hiru. Zumarragak 13 milioi euroko faktura ordaindu beharko du orotara epe horretan, Arcelorrek altzairu planta irekita mantentzeko Jaurlaritzari eskatzen zion kopuruaren adina. Gipuzkoako herri
Hernani erraustegiagatik urtero gastatuko dituen 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera
demografikoki txikienean, Gaintzan, bere 120 biztanleek 167.000 euroko hipotekari aurre egin behar izango diote hemendik aurrera. Hernanin berriz, erraustegiarentzat urtero gastatu beharreko 780.000 euroekin udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua ordaindu dezake, bertako Zero Zabor taldearen arabera. Baina talde honek beste kalkulu batzuk ere egin ditu Hernaniko kasurako, hainbat datu eskuan hartuta.
Badira sei urte Hernanin (19.000 bizt.) hondakinak jatorrian sailkatzeko atez ateko bilketa sistema jarri zutela. Geroztik %75etik gorako birziklapen tasa dauka eta auzo-konposta ere herriko toki gehienetara hedaturik dago. Baina emaitza berak dituzten beste herri batzuen kasuan bezala, GHK-k ahalegin hori zigortu egiten du saritu beharrean: errefusaren tarifa %11 igo du partzuergoak, eta aldiz hondakin organikoarena %77. Eta hala ere, Hernaniri askoz karuago aterako litzaioke erraustegia izatea oraingo sistemarekin jarraitzea baino, zehazki 21 milioi euro gehiago.
"GHKren kudeaketa eredua ez da jasangarria inorentzat eta gutxiago ondo egiten duten udalentzat –dio Hernanin Zero Zabor taldeak darabilen lan-dokumentu batek–. Oso denbora laburrean hankaz gora joango da azken sei urteotan oso emaitza onekin landu dugun eredua". Hernaniarrek osasunean eta zerbitzuetan ez ezik, lanpostuen galeran –Manu Robles Arangiz fundazioak ikertu duenez, 7.000 enplegu sor daitezke EAEn eta 900 Nafarroan hondakin guztiak jatorrian sailkatuz gero– eta euren poltsikoetan ere nozituko dute erraustegiak utziko duen zuloa, familia bakoitzak udalari ordaintzen dion zaborraren urteko tasa 95 euro izatetik 300 euro izatera igaro baitaiteke.
Martxoaren 2an Ermuko alkate Carlos Totorikak galdera egin zion partzuergoari ea erakundetik irtetea zenbat kostako litzaiokeen Bizkaiko udalerriari –Bizkaian dagoen arren Debabarreneko kide da–, hondakinak Zabalgarbira eramatea merkeago izango zutelakoan. GHK-k prezioa jarri eta haren presidente eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok jakinarazi zion: 9 milioi euro. Zakuan sartu zituen, besteak beste, erakundeak orain arte pilatu duen zorra –bankuekin sinaturiko swap ezagunak barne–, baina baita Zubietako erraustegia eraiki eta ustiatzeak hurrengo bi hamarkadetan eragingo dituen gastuak ere, oraindik esleitu gabe dagoen arren.
Zifra desorbitatu hori mezu garbia izan zen GHK abandonatu nahi duten guztientzat. Hernanin Zero Zabor taldeak hainbat iturrirekin kontrastatu duenez, ordea, 1,4 milioi euroan errenditu daiteke kopurua Hernaniren kasuan, eta asko jota 2 milioitan. Izan ere, kitapenean etorkizuneko inbertsio eta zorrak sartzea legezkoa ote den oso zalantzan dago. Talde honen esanetan "merezi du kudeaketa propioaren alde egitea eta GHKtik irtetea. Han segitzea ruina bat da Hernanirentzat".
Lubaki juridikoa prestatzea da orain, beraz, partzuergoaren saretik irten nahi duten udalen zeregin nagusietakoa. Biharamunean hondakinei zein aterabide eman ez dirudi teknikoki hain gaitza izango denik, kudeatu beharreko errefus kopurua murritza baita beste herri batzuekin alderatuta. Barruan geratzen direnek, erraustegiak utzitako zorraz gain, proiektuaren bigarren fasearen inkognitei egin beharko diete aurre.
Nork erabakitzen du?
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan ordezkatuak daude Aldundia eta udalak mankomunitateen bidez. Baina GHK-ko batzarretan denek ez dute pisu eta erabaki ahalmen bera, pisu demografikoaz gain, mankomunitatea zein alderdi politikoren kontrolpean dagoen funtsezkoa da balantzak alde batera edo bestera egiteko. Uztailaren 28n erraustegiaren baldintza-pleguak onartzearen alde 89,7 boto egon ziren (grisez) eta kontra 10,3 baino ez (arrosaz), beheko zerrendan ikus daitekeenez.
Irakurri artikulua ingelesez, argia.eus/english helbidean. | news |
argia-6a0387a7f036 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/donostiako-zinemaldia.html | Biolentziarik gabeko palmaresa | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2016-10-02 00:00:00 | Biolentziarik gabeko palmaresa
"Aurreikuspenak ez ziren batere onak eta, hori kontuan izanda, emaitzarekin nahiko kontentu gaude". Ez dira PPko kide batek igandeko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren egindako adierazpenak, lagun bati esan niona baizik, Zinemaldiko Sail Ofizialeko azken filmak ikustear nengoela Donostian topo egin genuenean. Izan ere, kontuak ez zeukan itxura bereziki onik hasieran: zuzendari ezagunik apenas, lehiaketa ireki zuen La fille de Brest ekoizpen telefilmero kaskarra… Baina lehen inpresioak eta hauteskunde kanpainetako inkestak, antzeko parezido, ezin zara fidatu; eta ezin duzu, halaber, apustu segururik egin, Zinemaldia ez baita Euskal Autonomia Erkidegoko bozak bezalakoa, urtero daude aktore eta gidoi diferenteak eta hain zuzen horrelako gauzengatik da osasun mentalarentzat hobea Euskal Herrian kultur kazetari izatea eta ez politika sailekoa.
Pasa da aste bat zeinean filmek kanpainak baino fikzio gehixeago jarri duten eta banatu dira sariak: Txinara doa Urrezko Maskorra, baita emakumezko aktore onenaren Zilarrezkoa, Xiaogang Feng zuzendariaren Wo Bu Shi Pan Jinlian filma bihurtuz edizio honetako garaile nagusi. Absurduarekin jokatzen duen pelikula bitxia da eta, izan ditzakeen gabeziak gorabehera –"dena" justifikatzen duen amaierako errebelazio bat– saridun duina da. Ezin gauza bera esan zuzendari onenaren sariaz: Hong Sang-Soo hego korearraren filmak amaiera pattala eman zion Sail Ofizialari, errepikakorra eta aspergarria gertatzen zen bikote harremanen istorio batekin. Haren ibilbidea kontuan hartuta bakarrik ulertzen da etxera eraman duen maskorra, ez baita ekarri duen lanaren neurrikoa inondik ere.
Bi thriller espainiar, beste hainbeste sari: aurreko edizioetan ez bezala, nahiko bidezkoak dira industria iberikoak jasotakoak, Que dios nos perdone ren gidoia borobila baita eta Eduard Fernandezen aktore onenaren Zilarrezko Maskorra ere merezitakoa –bide batez, lata ederra izango dugu Hego Euskal Herriko bizilagunok telebistan bi ekoizpen horien kontura Goya sariak banatu bitartean–.
Palmaresetik kanpo geratu dira gaur egungo Mendebaldeko gizarteari buruzko begirada aztoragarrienak eman dituzten zenbait lan: Plac Zabaw poloniarrak, Jesús txiletarrak eta batez ere Bertrand Bonelloren Nocturama k esplikazio konkreturik ez daukan biolentziaren aurrean jarri dute ikuslea, bizi-estilo kapitalistak gazteei eskaintzen dien aukera falta agerian utziz. Asmo diferenteekin eginak eta emaitza aldetik ere elkarren artean oso desberdinak diren arren, belaunaldi berriei egindako argazki ezkor horiek arreta merezi dute, batez ere gurean indarkeria bukatu dela predikatzen duten politikariei kontrapuntua eskaintzen dietelako. Bada biolentzia bat gizartean geroz eta errotuagoa, espektakulu bihurtzeko ez bada oihartzunik gabe pasatzen dena, baina egituraketa sozialaren ondorio denez erantzunak eskatzen dituena. Eta hori zineman ikusi dugu, ez kanpainan eta ez botoak zenbatzean. | news |
argia-5aaf38185923 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/euskal-ekonomia.html | Euskal ekonomia | Andoni Mujika | 2016-10-02 00:00:00 | Euskal ekonomia
Aspalditxoan, hainbat eragile dabil beste ekonomia baten beharraz hitz egiten. Arizmendiarrieta Kristau Fundaziokoak ere buru-belarri sumatzen ditut zeregin horretan. "Kooperazioaren ekonomiaz" dihardute eurak eta, beraiei irakurrita eta entzunda, horretaz idazteko gogoa piztu zait.
Ekonomia proposamen honen ezaugarriak ez dira berriak, lankidetzaren esperientzietan aurkituko ditugu han eta hemen. Beraiek bereizgarri hauen sintesi erabilgarri bat egin dute. Nagusiki, enpresa humanizatzeaz dihardute, pertsona erakundearen erdigunean jarriz. Enpresa komunitatearen eragile bezala ulertzen dute. Era berean, eredu honek autoeraketa sustatzen du, barne demokrazia eta parte-hartzea bilatzen ditu, eta enpresen arteko interkooperazioari garrantzi handia ematen dio.
Euskal Herrian nahikoa arrazoi dago esateko kooperazioan oinarritutako ekonomia guztiz bat datorrela gure izaerarekin
Gai honetara hurbilpen bat egiteko, baieztapen honekin hasiko naiz: herri baten edozein gizarte-arlo nuklearrerako berezko eredua izatea ikaragarri inportantea da. Eta herri hori txikia bada, gehiago. Ekonomia zein enpresa arloan ere horixe gertatzen da. Baina zein izan behar da eredu ekonomiko hori gurean? Euskal Herrian nahikoa arrazoi dago esateko kooperazioan oinarritutako ekonomia guztiz bat datorrela gure izaerarekin. Herri honen nortasunera, esperientzia kolektibora, kulturara, ekintzailetasun antolatura eta baloreetara egokien hurbiltzen den ekonomia-mota horixe delakoan nago. Ez dugu ahaztu behar herri honek daukan esperientzia pilatua, bere burua lankidetzan antolatuz, proiektu oso ezberdinak aurrera ateratzen.
Orokorki esanda, "kooperazioaren ekonomiak" bi ekarpen nagusi egingo lioke gure komunitateari: bata da herri honen konbikzioekin koherentea dela, eta beraz, egitasmoak aurrera ateratzeko motibazioa eta zentzua elikatu egin ditzakeela; eta bigarrena, oso eraginkorra eta arrakastatsua izan daitekeela termino ekonomiko zein sozialetan.
Edozein modutan, kooperazioaren ekonomiarekin ez da bilatzen diskurtso borobil bat, itxia eta perfektoa, ez. Planteamendu dinamiko eta aldakorra da. Orientabide bat da, norabide zabal bat, beste antzerako ekimen batzuekin konfluentzian jardun beharko dena.
Esan dezadan amaitzeko, kontzeptu honek beste bertute bat ere baduela: graduatu egin daiteke, eta dauzkagun hainbat errealitatetara moldatu. Horrela, batetik, kapital-enpresak humanizatzeko balio du; bigarrenik, martxan dauden kooperatibak biziberritzeko eta berrasmatzeko erreminta izan liteke; eta hirugarrenik, kooperatiba berriak sortzeko motibaziorako iturri. Ikus daitekeen legez, iniziatiba batzuk besteak baino anbiziotsuagoak dira, baina guztietan kooperazioaren eta humanizazioaren ideia egongo litzateke barrenean. | news |
argia-60d6811759d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/madani-koumare-elkartasunezko-ekonomia-sozialean-buru-belarri.html | "Nazioarteko kooperazio politikak iraultzeko garaia da" | Jenofa Berhokoirigoin | 2016-10-02 00:00:00 | "Nazioarteko kooperazio politikak iraultzeko garaia da"
Elkartasunezko ekonomia sozialak krisi ekonomiko finantzarioari aurre egiteko zein lurralde baten garapena segurtatzeko balio duela dio Madani Koumarek, Afrikako elkartasunezko ekonomia sozialaren sareko buruak. Ez du berdina pentsatzen ordea nazioarteko kooperazio politikez. Gaizki bideratuak izanki, kooperazio horrek dakarren balio erantsia Afrikatik urrun gelditzen dela deitoratzen du maliarrak. Garapenerako kooperazioaren paradigma aldatzeko garaia dela dio.
Zertan da elkartasunezko ekonomia soziala Afrikan?
Ekonomia erreala osatzen du Afrikan. Biztanleriaren bi heren horretan dabiltza. Usu ekonomia informala dela entzun ohi dugu, baina ez, zinez erreala da. Eskolatik ateratako gazteek sektore horretan kausitzen dute babeslekua, langabezian egon beharrean. Zinez deritzot, esperantza ekarle izateaz gain, lurraldearen oreka segurtatzen digu elkartasunezko ekonomia sozialak. Errespetu eta ezagupen handiagoa merezi duen sektorea da.
Sektorea laguntzeko nahikaria sentitzen ote duzue egitura publikoen partetik?
Hori da gure erronka: ezagupen politikoa lortzea eta elkartasunezko ekonomia soziala sustatzeko politikak planteatzea. Betidanik egon da elkartasunezko ekonomia soziala Afrikan, ez da berria. Baina kontua da inoiz ez dela sistematizatu. Herritar gehienak hunkitzen dituen heinean, irabaziak eta enpleguak sortzen dituen heinean, plan politiko nazionaletan sarturik egon behar du. Aldaketa dator eta poliki-poliki sektorea kontuan hartzen dabiltza gobernuak. Adibidez, plan politiko bat lortu genuen Malin, koadro legislatibo bat finkatu berri dute Marokon ere, ezagupen ofiziala lortzeko bidean dira Senegalen eta Kamerunen, eta abar. Talde parlamentarioak osatzen ari dira ezker-eskuin, sektorearen sustapena segurtatzeko. Beraz, erran dezakegu posturak aldatuz doazela: pobreziari aurre egiteko balio duen gastu global eta iraunkortzat hartzen dute sektorea gobernuek.
Justuki, pobreziaren aurkako nazioarteko kooperazio politikak estereotipoetan oinarrituak direla deitoratu ohi duzu.
Baserri munduaren garapenari so egin dezagun adibidez. Afrikan ezin dugu hitz egin laborantzaz familiako laborantza kontutan hartu gabe. Lehengaiak ez dira bertan transformatuak, horrek erran nahi du ez dela balio erantsirik eta enplegurik sortzen. Arazo larria da eta hori aldatzean datza gure borroka: ekoizpenaz gain, ekoiztutakoaren transformazioan laguntzeko balio behar dute politika horiek. Nazioarteko kooperazio politiketan dabiltzanek paradigmaz aldatu behar dute. Garapenaren arloan lortutakoa xumea da, transformazioa gure esku balitz lortuko genukeenari alboratuta. Gainera, gazteen joatea ez litzateke gaurkoaren heinekoa. Inork ez du bere sorlekua plazerez uzten. Egin genuen inkesta baten arabera, %2k bazik ez lukete migratuko enpleguaren egoera egokia balitz.
Politika horiei buruz kritiko zara.
Badu hamarkadak txirotasunaren aurkako borrokaz hitz egiten dela! Baina pobreziak ez du atzera egin. Zergatik? Azaldu dudan bezala, laguntza funtsak ez direlako balio erantsia dakarten sektoreetara zuzenduak. Aberastasuna eta hazkundea ez ditugun bitartean, nekez lortuko dugu garapena.
Autonomia edota autodeterminazioaren printzipioak ezin dira itzalean utzi.
Printzipioz, testuinguru zehatz batean komunitate zehatz batek bizi izandako arrangura zehatz batzuei emandako erantzunek osatzen dute Politika, letra larriz. Ez bada horrela, emaitzak ez dira komunitatearen ongizatearen alde izanen. Herritarren beharren analisi holistikoetan oinarriturik diren plan politikoak marraztu behar dira, ondotik horri egokituriko nazioarteko kooperazioak eskatzeko. Lokalki zein globalki, nazioarteko kooperazio politika horiek iraultzeko garaia da.
Muturreko pobrezia 2030erako desagerraraztea du helburu Nazio Batuen Erakundeak. Hitza hartu zenuen iaz, helburu horri zuzenduriko NBEren gailurrean. Sinesten al duzu gisa horretako egitura eta helburuetan?
NBEren funtzioetan sartzen da koadro finkatze hori. Estatuei dagokie orain koadro horiez jabetzea eta helburua betetzeko estrategien marraztea. Arduratsuki jokatu behar dute estatuek, ez dute helburua NBEk inposaturiko zama gisa azaldu behar. Dena dela, zentzu horretara dabiltzan gobernuek ez dute NBErentzat egiten, herritarrentzat baizik. Orokorrean arduragabe ikusten ditut gobernuak eta damugarria iruditzen zait.
Probidentzia Estatua ameskeria dela diozu.
Dirua banatzen zigun estatu hori ez dugu berriz ezagutuko, ez duelako ez ahalik, ez zaletasunik. Horregatik ditugu deszentralizazio mugimenduak. Estatu soziala haizatu dute Hegoko herrietarik Munduko Bankua bezalako egiturek. Alta, zerbitzu sozialak segurtatzen dituen estatua ezinbestekoa dugu herri pobreetan.
Azkenean, elkartasunezko ekonomia sozialak du betebehar hori betetzen.
Hain zuzen, eta horregatik du estatuak sektore hori lagundu behar. Are gehiago, jakinda krisi ekonomiko eta finantzarioei emandako erantzun hoberena dela elkartasunezko ekonomia soziala. | news |
argia-97b648ff3dd4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/konfiantzaren-pedagogia.html | Ikasleek eraikitako ikaskuntza metodoa | Iker O�ate Aiastui | 2016-10-02 00:00:00 | Ikasleek eraikitako ikaskuntza metodoa
Ikastetxe batzuk ari dira ohiko irakaskuntza metodoetatik harago, bestelako ereduak dastatzen. "Hartu eta ikasi" leloa atzean utzi eta "eraiki eta ezagutu" binomioa oinarri duen pedagogiari heldu diote. Horien artean da aurtengo Kilometroak antolatzeko ardura duen Bergarako Aranzadi ikastola. Konfiantzaren pedagogia lantzen dute.
Arrasateko Arizmendi ikastolan jaio zen konfiantzaren pedagogia, 2008. urtean. Ordutik, hainbat ikastolen interesa bereganatu du eta bere hedapena ikusirik, ereduaren orientazioan laguntzeko ardura hartu du Ikastolen Elkarteak. Horrek ez du esan nahi ikastola guztiek konfiantzaren pedagogiarekin bat egin behar izango dutenik; ikastetxe bakoitzaren esku dago erabakia.
Bergarako Aranzadik 2011-2012 ikasturtean heldu zion heziketa metodo honi, eta egokitze prozesuan dago ordutik. Ikasleen errealitatearen arabera eraikitako eredua izaki, etengabeko behaketa lanean dihardute irakasleek. "Denborarekin garatuz doan metodoa da, ikasleen ezaugarrietara egokitu behar baita heziketa; esperimentazioa eskatzen du horrek", dio ikastolako zuzendari Ane Barrusok.
Orain arte Haur Hezkuntzan landu dute. Ikasturte honetan, beste urrats bat eman eta konfiantzaren pedagogia Lehen Hezkuntzako hasierako zikloan aplikatzea erabaki dute. Maila horietako ikasleek Haur Hezkuntzan dagoeneko dastatu zuten eredua; beraz, aurtengoa jarraipena litzateke. Baina metodoa adinera –eta ikasturte bakoitzak dituen exijentzia orokorretara– egokitu beharra dagoenez, pedagogia Lehen Hezkuntzako ikasleen errealitatera egokitzeko lanean ari dira orain Aranzadin. "Esperimentazio aldia izango da aurtengoa", argitu du Barrusok. Uztak fruitu oparoak ematekotan, metodoa ikastetxe guztira hedatzea litzateke asmoa.
Haurra hobeto ulertzeko gakoak
Metodoa barneratzeko, aurrez ikastetxeko langileek formazio saioak egin dituzte. Haur psikiatrian eta psikologian aditu den Rafael Cristobalek gidatu zituen saioak eta, besteak beste, berak idatziriko El niño en la mirada del conocimiento liburua landu zuten. 0 eta 6 urte bitarteko haurrak hobeto ulertzeko gakoak jorratzea izan da xedea. Teoriaren ostean, praktika etorri zen. Prozesu hori bi urtez ikuskatu zuen Cristobalek, irakasleek metodoa menperatzen zutela baieztatu arte. "Ostegunero etortzen zen irakasleen jarduna behatu eta ikusitakoa hobetzera bidean, zuzendaritza taldeari proposamenak egitera", azaldu du Barrusok.
Ikasleak motibatuago dihardute eta horrek autonomia handiagoz aritzeko nahia dakarkie, irakaslearekiko izan dezaketen menpekotasuna murriztuz
Bestalde, espazio fisikoaren berrantolaketa ere ekarri du konfiantzaren pedagogiak. Alegia, horma gutxiagoren beharra du heziketa eredu berritzaileak; jada ez dira funtsezko hainbat ikasgelatan, isolaturik, banaturiko ikasle taldeak. Adin ezberdineko haurren arteko hartu-emana eskatzen du metodoak eta zortzi adimen lantzera bideraturiko sei heziketa esparru eskaintzen dira horretarako; giza hizkuntza, logika-matematikoa, norberaren buruaren ezagutza eta kudeaketa, espazio-ikustea, natura eta musika adimenak jorratzeko materiala dute eskuragarri txoko horietan. Haurrek askatasuna dute egun bakoitzean nahi duten eremura jotzeko, baita saioaren erdian heziketa esparruz lekualdatzeko ere. Finean, ikasle bakoitzaren nahiak bideratuko du bere ikaskuntza; hori bai, ikasleak adimen ezberdinak dastatzen dituela ziurtatzen du irakasleak. Akuilu gisa, esaterako, dinosauroen panpinen ondoan dinosauroei buruzko liburu bat jarriko du hezitzaileak, umeak gaian interesa badu irakurtzera animatzeko.
Gurasoen esku-hartzea
Gurasoak zutabe garrantzitsua dira haurren heziketa prozesuan eta horretaz jakitun, parte-hartzaile aktibo dira konfiantzaren pedagogian. Hilean behin eurei bideraturiko mintegia antolatzen du ikastolak, Rafael Cristobalen laguntzaz. Heziketa metodoa bera gertutik ezagutzeko aukera emateaz gain, haurren garapenari loturiko edukiak lantzen dituzte formazio ordu horietan. Baina gurasoen esku-hartzea hortik harago doa: seme-alaben eskola orduetan presente egon daitezke eta lantzean behin, ikasleei mintegi bat eskaintzeko ardura dute.
Oro har, ikasleari segurtasuna transmitituko dion konfiantzazko giroa sortzea du helburu metodoak, ikaslearen heziketarako onuragarria izango delakoan. Aranzadi ikastolako psikologo Miriam Mujikaren esanetan, "giro horretan gustura, pozik eta esploratzeko gogoz daude ikasleak". Hain zuzen, konfiantzaren pedagogiak sortzen dituen baldintza horiek baliatzen dituzte irakasleek, irakaskuntza giro berri horretara egokituz. Hau da, ikasleak motibatuago dihardute eta horrek autonomia handiagoz aritzeko nahia dakarkie, irakaslearekiko izan dezaketen menpekotasuna murriztuz.
Aurten Bergaran egingo den Kilometroak jaian izango da ereduaren aztarnarik. Besteak beste, Blai-blai prozesua
Oraindik emaitzak baloratzeko goizegi den arren, ikastolako langileak, gurasoak eta ikasleak kontent dira metodoarekin. "Esperientzia aberasgarria ari da izaten. Irakasleak pozik daude, eta bide beretik jarraitzearen aldekoak dira. Gurasoentzat ere onuragarria da, euren haurren heziketan sakonago esku har baitezakete", azpimarratu du Ane Barrusok. Gainera, orain arte eginiko azterketek adierazi dutenez, oinarrizko edukietatik aparte, gizarteko eskakizunei aurre egiteko baliagarri izan daitezkeen ezagutzak eskuratzen dituzte ikasleek.
Gizarteratzeko lanean
Konfiantzaren pedagogia ez da ikastetxeen hormetara mugatzen, horietatik kanpo ere badu islarik. Pixkanaka-pixkanaka gizarteratzen ari da eta Aranzadi ikastola hasia da bide horretan urratsak ematen: aurten Bergaran egingo den Gipuzkoako ikastolen Kilometroak jaian izango da ereduaren aztarnarik. Besteak beste, haurrentzat muntaturiko guneko eskaintza (jolasak, ekintzak, materiala...) zehazteko Blai-blai prozesua jarri zuen martxan ikastolak, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen iradokizunak jasotzeko. Hala, haurren ekarpenen arabera diseinaturiko esparrua izango da.
Adin ezberdineko haurren arteko hartu-emana eskatzen du metodoak eta zortzi adimen lantzera bideraturiko sei heziketa esparru eskaintzen dira horretarako; giza hizkuntza, logika-matematikoa, norberaren buruaren ezagutza eta kudeaketa, espazio-ikustea, natura eta musika adimenak jorratzeko materiala dute eskuragarri txoko horietan. | news |
argia-9e77ea5b9c97 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/hanjinen-porrotagatik-itsasoan-galduta-dabiltza-olentzeroren-opariak.html | Hanjinen porrotagatik itsasoan galduta dabiltza Olentzeroren opariak | Pello Zubiria Kamino | 2016-10-02 00:00:00 | Hanjinen porrotagatik itsasoan galduta dabiltza Olentzeroren opariak
Hanjin korearrak –itsasozko merkataritzan ari diren konpainia handienetan zazpigarrenak– kiebra jota, olatu artean geratu dira preso Eguberrien aurreko kanpainetarako milaka produktu helmugako kaietan sartu ezinik. Hanjinen itsasontzi erraldoietan zetozen Asia urrunetik Mendebalde kontsumitzailera, globalizazioaren ikur bihurtu diren milaka kontainerretan metaturik. Krisiaren abuztu honetako ostikada izan da.
540.000 edukiontzi handi utzi ditu porrotak itsaso zabalean edo portuen sarreretan ainguraturik. 14.000 milioi dolar inguruko balioa lehorreratu ezinean. AEBetan Thanksgivingerako erosketak prestatzen ari diren Samsung, Nike, Wallmart eta beste hainbat multinazional gotor urduri dabiltz.
Abuztu bukaeran panikozko titularrak irakurri ziren ekonomia globalizatuaren jarraipena egiten duten orrialdeetan, brok egin zuenean itsas garraioan dabilen zazpigarren korporazio handienak. Irail amaierara heldurik, alarmak arindu diren arren ez dago batere argi Hanjinen kiebrak mundu osoan zer nolako astinduak zabalduko dituen.
Hanjin konpainiak dauzkan 100 pakebot inguruetatik 45 geldirik egon dira, ezin ausartuz kaietan barnatzera edo Suezekoa bezalako kanalak zeharkatzera, batzuetan korporazioaren zorrak exekutatzeko bahitu ez ditzaten, besteetan konpainiak ezin zuelako aurreratu portuko zerbitzuaren prezioa.
1.500 marinel eta zuzeneko beste langileren enpleguak dira zintzilik, 12.000 gehiagorenak Koreako Busan hiriko ontziolan. Marinel gatibuen argazki zehatza erakustearren, BBC kate britainiarra hurbildu da Hanjin Roma baporean preso geratutakoak bisitatzera.
Singapurren harrapatu zituen Hanjin Romako eskifaikoak abuztuaren 29an beren konpainiaren hondoratzeak. Uztailaren 17an irtenda Mexikoko Puerto Manzanillotik, hara helduak ziren Puerto Lazaro Cardenas, Balboa (Panama), Busan (Korea) eta Chiwanen (Txina) eskala eginez. Singapurreko nasan amarraturik abuztuaren 29ko iluntzean heldu zitzaizkien poliziburu bat eta abokatua, jakinaraztera baporea bahituta zegoela konpainiaren zorrengatik eta kaia utzirik itsaso zabalean itxaron beharko zutela. Hanjin Roma mugiarazten duten 24 marinelek smartphoneak dauzkate munduarekin harremantzeko bide bakartzat, ezin lehorrera jaitsi, bizirauteko jan-edanak eskuratzera hurbiltzeko baimena noiz lortuko zain.
Baina adituen kezka piztu dute ez mamu-itsasontzietan preso geratutako eskifaien istorioek baina munduko ekonomiari Hanjinen hondoratzeak ekarriko dizkioten kalteek, itsasoz mugitzen diren salgaien %8 honen eskuetatik pasatzen baitira. Urtean Hanjinek garraiatzen ditu 3,7 milioi kontainer TEU motakoak ontzi erraldoietan: globalizazioaren ikurretako bat bihurtu diren hogei oineko TEU – Twenty-foot equivalent unit– edukiontzi horietatik 10.000 eramateko gai diren ontzi handiak Hanjin berak modan jarriak dira.
"Hanjin Shippingen hondoratzeak ekarriko duen olatua itsas garraioarentzako izango da finantza merkatuentzako Lehman Brothersen porrota izan zena adinakoa. Bonba atomiko handi bat da: horniduren katea astintzen du, globalizazioaren oinarria bera". Horrela mintzatu zaio Bloomberg agentziari Gerry Wang, Itsas Bareko garraioan klasikoetakoa den Seaspan korporazioko buru exekutiboa.
Wangek baditu arrazoiak ezkor izateko, bere konpainiak alokatuak baitira Hanjinek darabiltzan 104 ontzietatik lau, eta orain berreskuratzen lanak edukiko dituzte. Gainerako jarduera ekonomiko gehienak bezala, itsasoko garraioa ere konpainia, kontrata eta azpikontrata sare konplexuz osatzen da. Arazoa, ordea, Hanjinen hartzekodunen eta bezeroen mugetatik askoz harago doa.
Los Angeles Times ek titulatu duenez , kiebra honekin erakusten du muturra oraindik zatirik handiena ikusi ez zaion icebergak: pleitasarietan dagoen nahasmendua. Itsasozko garraioaren prezioak aspaldi honetan kosteen azpitik ibili dira, Hanjinen porrotak ur azalera atera duen arte arrain ustela.
Merkeegia garesti pagatzen da
Merkantzia gutxiegi ontzi ahalmen gehiegirentzako, horra zeren beldur diren Hanjinen ispiluan beren buruak ikusten dituzten erraldoiek. Ontzi konpainiek 2000ko hamarkadan handitze planak egin zituzten gero bete ez diren hazkunde aurreikuspenen gainean.
Ez sinetsi atzeraldia –oro har krisia– amaitu dela dioten politikariei. 2016an munduko sal-erosketak ez dira handituko %3an ere, aurrez iragarritako %4tik urrun, zer esanik ez 2008 aurreko %6 hartatik. Mendebaldeko portu askok trafikoa galtzen jarraitzen dute eta konpainiek dirua galtzen. 20 oineko edukiontzi handi baten etekina jaitsi da 2011ko 1.189 dolarretatik aurtengo 776ra. Itsas garraioko konpainiek aurten 5.000 milioi dolar baino gehiagoko galerak edukiko dituzte, Drewry Maritime Research elkartearen kalkuluetan.
Salgaien trafikoa behera eta hura garraiatzeko ontzien ahalmena gora, aurrera egiteko konpainiek ez dute ikusi pleiten prezioak jaistea beste modurik. Low cost ereduan oinarritzen da gaurko kontsumo guztia. Los Angeles Times ek kalkulatu du klase ertaineko familia bati etxeko jabetza guztiak sartzeko moduko 40 oineko edukiontzi handi bat Kaliforniatik Hong Kongera urez bidaltzea New Yorkera trailerrez eramatearen erdi prezioan ateratzen zaiola.
Hanjinen uberatik bazterra joz muturrekoa hartzeko hurrengotzat aipatu dira Japoniako Nippon Yusen eta Koriako Hyundai Merchant Marine konpainiak; burtsan balioaren hiru laurdenak galdu dituzte. Eta itsasozko garraioen tarifak ere arin garestitu dira irailean barrena: ozeanoa zeharkatzen duten alimaleko trafiko horientzat urte sasoirik beroena udazkena da, herrialde aberatsetako neguko festetako kontsumoaren ataria, eta ekoizleek bezala banatzaileek seguritatea bilatzen dute.
Resilience webgunean Kurt Cobbek interpretatu du abuztuko istripuaren mamia: "Hanjinen kiebrak erakusten du just-in-time banaketaren efizientzia azken finean ez dela hain efizientea". Eraginkortasunaren izenean, kosteak zeinek baino zeinek gehiago argaldu nahian enpresa guztiek beren inbentarioak ia desagertzeraino murriztu dituzte, eta edozein eskariri berehala –just-in-time– erantzun ahal izateko logistika eremuez gain garraioak berak bihurtu dituzte biltegi ibiltari, kamioiak eta itsasontziak, informatikak eskaintzen duen laguntza handiarekin.
Biltegietan gero eta erreserba gutxiago edukita, zero stock estrategian estu harrapaturik, horniduren kate konplexuan Hanjin konpainiarena bezalako istripu bat gertatzea amesgaizto bihur daiteke. Edonor eta edozer zintzurretik harrapa dezake, izan norbere familia edo ospitalea, inon ez delako hiru egun baino gehiagoko janaririk gordeta.
Erresilientziarik ezin da just-in-time eta zero stockekin, arazo larriei aurre egiteko gaitasuna kosta egiten da. Baina globalizazioa ez doa erresilientziatik. Finantza sistemak eta politikariek lezioa ikasi ez duten moduan Lehman Brothersen eztandatik, banaketa sisteman ere susto gehiago ikusteko gaude. | news |
argia-72a6fc2f53f0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/dinosauroek-ez-zuten-orro-egiten.html | Dinosauroek ez zuten orro egiten | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-10-02 00:00:00 | Dinosauroek ez zuten orro egiten
Texaseko Unibertsitateko (AEB) ikerlari talde batek gaur egungo hegaztien bokalizazioa aztertu du, haien arbaso dinosauroek egiten zituzten soinuak ondorioztatu nahian. "Emaitzek erakusten dute ahoa itxita bokalizatzeak gutxienez hamasei arkeosaurotaraino eboluzionatu duela (taldeak hegaztiak, dinosauroak eta krokodiloak hartzen ditu barne). Egun tamaina handiko espezieek, zisneen tamainakoak gutxienez, horrela bokalizatzen dute", dio Chad Eliason ikerlariak. Hala, ostruken estalaldiko urrumen antzeko soinuak egiten zituztela ondorioztatu dute. Dagoeneko badakigu dinosauro gehienek kolore biziko lumak zituztela. Eta orain orroen ordez urruma egiten zutela diote. Filmetako dinosauro espezie beldurgarriak desagertzeko bidean daude. | news |
argia-908e3b56773a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/ana-txurruka-berdintasun-teknikaria.html | "Sarritan, berdintasun politikekin ez gara bazterkeria arriskuan dauden emakumeengana iristen" | Danele Sarriugarte Mochales | 2016-10-02 00:00:00 | "Sarritan, berdintasun politikekin ez gara bazterkeria arriskuan dauden emakumeengana iristen"
Militantzia eta instituzioa gurutzatzen diren lekuan jardun da Ana Txurruka azken hamarkadan, buru-belarri. Oreka zailean, eutsi dio: kalean, Medeak taldea eta transfeminismoa izan ditu ardatz; lanean, berriz, ahalik eta emakume gehienengana eta askotarikoengana iristea, eta puntu komunak abiapuntu lan egitea.
Berdintasun teknikaria zara. Nolatan?
Humanitateak ikasi nituen, etorkizunik eta lan aukerarik gabeko karrera, eta bukatu eta gero ez nekien zer egin. Ni jada feminista nintzen, militantzian hasi berria, eta banekien mundu hura gustatzen zitzaidala eta gustatuko litzaidakeela horretan lan egitea. Justu urte horretan sortu zuten EHUko Berdintasun masterra eta han sartu nintzen, ez bainuen ikerketan aritzerik nahi. Gauza handia izan zen niretzat, bai ikasketa aldetik bai pertsonalki.
Zer ikasten zenuten?
Eduki aldetik, berdintasun politikei zuzendutako masterra da eta feminismo instituzionala lantzen da. Bazegoen beste eduki akaso ez hain nabarmena: boteretzeko tresna oso potentea izan zen eta kontzientzia ere garatu genuen. Urtez urte galdu den arren, interes politiko feminista handia geneukan bai sortu zutenek bai ikasten genuenok.
"Militantziak eta lanak elkar elikatzen eta aberasten dute. Hala ere, nire kasuan, kaleak eman dio gehiago bulegoari, alderantziz baino. Medeakek eman dizkit nire printzipioak, balioak eta irizpideak. Haiekin egin naiz feminista".
Akaso orain egonkortuago dago lanbidea eta horregatik aldatu da?
Normalizazio prozesu bat egon da eta nik uste dut hori feminismoaren lorpen bat izan dela, eta arrakastatzat hartu behar dugula, baina kasu batzuetan normalizazio horrek eduki politikoa leundu du. Hasierako berdintasun teknikariena oso jardun militantea zen.
Zergatik hartu behar dugu arrakastatzat?
Instituzioek ardura bat daukate berdintasuna sustatzeko eta matxismoarekin amaitzeko, eta ardura hori zehaztu beharra dago, eta baliabideekin lagundu. Iruditzen zait feminismoak lortu duela instituzioetan sartzea, eta borroka hori egin ez balitz, oraindik ere berdin jarraituko lukete erakundeek. Gero, pentsa dezakegu nola egiten ari diren gauzak, nahikoa egiten ote den, baina ezinbestekoa iruditzen zait feminismoa edo berdintasun politikak instituzioetan sartzea.
Zer aldatu da, adibidez?
Orain dela 15 urte udal bat ez zen behartuta sentitzen erasoen kontrako kanpaina egitera, edo hezkidetza sustatzera, edo emakumeentzako jabekuntza tailerrak eskaintzera... Orain, nahiz eta alderdi politiko askorentzat lehentasunezko gaia ez izan, ez dira ausartzen horrelako gauzei ezetz esaten. Kontua da azalean gelditzen dela sarri, eta horretan sakondu beharko dugula, baina aurrera egin dugu, dudarik gabe.
Zer moduzkoa izan zen zure estreinako teknikari lana?
Europar Batasunak diruz lagundutako proiektu batean hasi nintzen, Urola Garaian, etengabeko hezkuntza sustatzeko, genero ikuspegiarekin. Lana beste errealitate bat da, ikasketetakoa ez bezalakoa. Oso oroitzapen onak dauzkat. Asko ikasi nuen nire lankideari esker, ez dakit hainbeste teknikari gisa edo pertsona bezala.
Bestalde, teknikari hasi nintzenean ohartu nintzen jendeak etengabe jartzen zuela auzitan nire lana.
Zergatik?
Beti sentitu izan dut kafe-orduko gaitzat jotzen dela berdintasunaren auzia. Edozeinek esan dezake edozer gauza horren inguruan. Beti egon da tipo bat, ardurak zeuzkan tipo bat, txisteak egiten. Adibidez, hizkuntza ez-sexistaren harira, nagusi
"Paul B. Preciadok esan moduan, instituzio bat ez da erakunde abstraktu bat; aitzitik, pertsonek egiten dute instituzioa. Artelekun zenbait pertsona elkartu ziren, eta horregatik sortu ziren halako gauza indartsuak".
batek esan zidan: "Eta orain zer, hola eta holo esan behar al dugu?". Giza baliabideetako sailean ariko bazina lanean, ez dut uste halakorik esango zizuketenik. Gaztetan odola berotzen zitzaidan, baina orain ikasi dut beste era batera egiten aurre halako gauzei. Era berean, urteekin, zilegitasuna lortu dugu eta jendea ez da hain erraz ausartzen horrelako gauzak esaten.
Arrasateko Emakumeen Txokoan ere aritu zinen.
Erreferente handiak izan dira, besteak beste, Ermuko eta Arrasateko emakumeen etxeak. Ezinbestekoa iruditzen zait, berdintasun politiketan, jabekuntza lana egiteko espazio propio bat sortzea. Horri beste hainbat politika gehitu behar zaizkio, noski, zeharkako politikak eta udal barruan egin beharrekoak, baina uste dut emakumeen etxeak hobeto bizitzeko tresnak ematen dizkizula. Batzuetan balio dizute, beste batzuetan ez hainbeste, baina egote hutsa bada zerbait. Halaxe da Donostian ere. Ez dira hiriko emakume guztiak etortzen, baina badakite hor dagoela, erreferente bihurtzen da, tartean behin etor daitezke proiekturen batean parte hartzera...
Caritasen jardun zinen gero.
Bai, ez nuke berehala pentsatuko hantxe arituko nintzenik, Bizkaiko parrokia guztietan formazioak ematen. Oso positiboa izan zen Caritasen gisako erakunde batean lan egitea, gustatzen baitzait egoera okerrenean daudenekin jardutea, eta kasu honetan egoera oso zaurgarrian dauden emakumeekin nenbilen. Gainera, asko inplikatu nintzen boluntarioekin, langileekin, baita erabiltzaileekin ere. Ondo ikasi nuen emakume guztien egoera ez dela berdina, oso behar ezberdinak dauzkagula, eta erantzunak ere halakoak behar dutela izan: bakoitzari berea. Masterrean lantzen genituen gaiek emakume profil jakin baten beharrei erantzuten zieten, eta Caritasen ezagutu nuen jendeak ez zeukan zerikusirik profil horrekin.
Eta ondo hartu zituzten zuk eramandako gaiak?
Ba bai! Adibidez, asko gustatu zitzaidan mojekin indarkeriaz eta abar hitz egitea. Gauza asko konpartitzen genituen, eta haiek ondo baino hobeto ezagutzen dute emakumeen eguneroko errealitatea, ez dira epelkeriatan ibiltzen. Oso garbi neukan huraxe zela inportanteena: puntu komunetatik abiatuta egin behar genuela lan, eta horiek indartu.
"Feminismo klasikoan, pornoa txarra da, eta kito. Feminismo queerrari esker ikasi genuen porno feminista egin zitekeela eta oso askatzailea izan zen. Bestelako sexualitateak eta gorputzak islatzen ditu, gainera".
Formazio asko eman dituzu. Zer irakasten da halakoetan?
Saiatzen naiz berdintasuna eta dena delako gaia uztartzen. Adibidez, emakumeentzako ekintzailetza ikastaroetan berdintasun modulua ematera joaten nintzen, eta teoriari buruz aritzen nintzen, noski, baina hor neukan kontzientzia pizteko grina ere. Ikasleen gauzak astindu nahi nituen. Pertsonala politikoa da, ezta? Bada, enpresa berrietako kontziliazio neurriak aipatuko ditugu, noski, baina ikus dezagun ea nola kontziliatzen ditugun etxe barruko eta kanpoko lanak. Emaitza askoz garrantzitsuagoa da inposatu dizkiguten genero rolak zalantzan jartzea, berdintasun legea ikastea baino. Oro har feedback positiboa jaso dut, emakumeekin aritu naizelako batez ere.
Eta gizonekin?
Bestelakoa da. Donostiako Udalean ari nintzela, bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako laneratze programa batean aritu nintzen. Haraxe joan nintzen, alai, berdintasun formazioak ematera, eta soldadura ikasten ari ziren gizonez beteta zegoen, sekulako motxilekin eta sekulako zailtasunekin denak ere. Han zaplazteko handiak hartu nituen: nire powerpoint ak eraman nituen, eta batzuek ez zekiten ia irakurtzen. Indarkeriaren gaia ere landu nuen, eta noski, kolektibo errazekin zenbait gauza aise doaz baina oso kolektibo zailekin, bada... Gizon horiek jaiotzatik zeukaten harremana indarkeriarekin, eta nik indarkeria planteatzea oso potentea izan zen. Te doy mis ojos filmeko eszena batzuk ipini nituen eta tipo bat izugarri haserretu zen eta joan egin zen, berak bizi izan zuelako indarkeria hori, eta orain berak egiten zuelako.
Bazterkeria arriskuan dauden emakumeekin aiseago topatzen dut elkarlanerako puntu bat; gizonekin zailago. Hala ere, uste dut nire lanean halako kolektiboekin lan egin behar dugula. Emakumeekin ere bai, jakina, kolektibo horietakoek dauzkatelako behar handienak eta haiek daudelako egoera kaskarrenean. Sarritan, berdintasun politikekin ez gara emakume horiengana iristen.
Zenbat denbora daramazu Donostiako Berdintasun Sailean lanean?
Zortzi urte, orduan atera zen lan-poltsa. Zalantzak izan nituen, baina azkenean animatu nintzen, udaleko baldintzengatik eta zegoen jendea interesatzen zitzaidalako. Ainhoa Beola zegoen berdintasun zinegotzi, Agurtza Zubero aholkulari, eta politika feminista erreal bat bultzatzen ari ziren.
Hor konturatu nintzen zer garrantzitsua izan zen feminismoak aldarrikapen hau egitea, berdintasun sailak egotea, aurrekontuak lortzea berdintasun politikak ezartzeko... Hiru ardatz klabeak batu ziren, gainera: politikari feministak, berdintasun teknikari feministak (militanteak, asko) eta mugimendu feminista indartsua, kanpotik eragiten.
Medeak talde transfeministako kide ere bazara. Nola sortu zen talde hori?
Plazandreok taldean hasi ginen. 20 urte zeramatzaten haiek feminismoan militatzen, eta asko ikasi nuen. Bi urtean ez nuen ahorik ireki asanbladetan, soilik belaki baten moduan aditu eta ikasi. Une batean beharra sentitu genuen zerbait propioa sortzeko, bai edukietan bai formetan. Plazandreoken dinamika asteroko bilerak egitea eta gai-ordenari jarraitzea zen. Guk, ordea, 20 urte geneuzkan eta nahi genuen hitz egin larrua jotzeari buruz, gure gorputzei buruz, gure familiarekin geneuzkan arazoei buruz... Barren-huste kolektiboa behar genuen eta Medeakek eman zigun arnasa. Plazandreok taldekoekin ere hitz egin genezakeen, noski, baina behar genuen hori guztia elkarrekin bizi, badakizu, 60ko hamarkadako autokontzientzia taldeetan bezala.
Eta gero?
Hasierako garai introspektibo hori pasata, kanporantz hasi ginen lanean, kalean ekintzak egiten, eta, gero inflexio-puntu handi bat izan genuen: Arteleku. Lauzpabost jardunaldi egin ziren han eta beste feminismo bat ezagutu genuen, Euskal Herrian ez zegoena. Feminismo queerra topatu genuen. Bat-batean ate pila bat ireki zitzaizkigun. Ez zen zehatz-mehatz gure testuingurua, baina erantzun pila bat eman zizkigun.
Adibidez?
Drag king tailerrek sekulako eragina izan zuten gugan. Drag queenak gizonak dira, normalean maritxuak, trabestitu egiten dira, eta emakumetasun hiperboliko bat agertu. Drag kingekin hori egiten dugu baina alderantziz: bollerook maskulinitate hiperboliko batekin trabestitzen gara eta ikusten dugu nola eraikitzen den maskulinitatea, hasi keinu txiki eta txoroenetatik, gorputzarekin eta jantziekin buka.
Lehenik eta behin konturatu nintzen zer barneratua neukan feminitatea. Feminista eta lesbiana nintzenez pentsatzen nuen oso gaindituta neukala, baina bai zera! Barru-barruan daukagu txertatua. Bestalde, orduan hasi ginen Medeaken maskulinitatea lantzen, ordura arte guri ez baitzitzaigun batere interesatzen. Maskulinitate patriarkala ez dugu gustuko baina gure mundu bolleroan badaude bestelako maskulinitate batzuk, eta horiei bai, egin nahi diegu tira, maskulinitate patriarkala jartzen baitute zalantzan, gainera.
Indarkeriari buruz ere hausnartu duzue.
Gai hori beti dago presente, emakumeok askotan feminista egiten gara indarkeriarekin topo egiten dugunean, orduantxe kolpatzen zaitu-eta benetan errealitateak. Medeaken beti saiatu gara pentsatzen ea nola erantzun indarkeriari eta hamaika modutan egin dugu: amorruz, haserre, nola kudeatu jakin gabe...
Azken urteetan, feminismo instituzionalak indarra hartu duenean, egokitasun politikotik abiatuta, diskurtso bat garatu da gaiaren bueltan, eta gizarte honetan denak daude indarkeriaren kontra. Guk bestelako diskurtso bat egin nahi genuen eta batez ere emakumeen boteretzea landu, ez genuen biktimismotik hitz egin nahi. Indarkeriarekin amaitu nahi dugu ez poliziaren bitartez, baizik eta beste bide batzuetatik. Hori, politikoki, baina norbanakoari dagokionez, gauez ateratzen ginenean-eta, guretzat oso-oso inportantea izan da ildo hori: eraso matxisten aurrean, erantzun, eta erantzunok kolektiboki babestu, tinko.
Amaitze aldera, orainaldiari erreparatuko diogu. Badirudi loraldian dagoela mugimendu feminista.
Loraldian dago eta ni, berriz, gainbeheran-edo, erdi jubilatzen. Orain dela urte batzuk konturatu nintzen atseden hartu behar nuela. Lana, militantzia... nire bizitza oso-osorik hartzen zuen feminismoak, ez neukan beste ezer. Une batean konturatu nintzen akaso beste gauza batzuk ere egin nahi nituela, akaso denbora behar nuela pentsatzeko ea zer egin nahi nuen. Orduan, erritmoa murriztu nuen eta oso ondo etorri zait.
Onena da jende berria ikusten dudala, eta eskerrak! Bilera batera joaten banaiz eta orain dela hamar urteko jende berbera topatzen badut, malaostian jartzen naiz, horrek esan nahi baitu badagoela arazoren bat espazioarekin. Baina leku eta egitasmo berriak topatzen ditut eta nik neuk, orain, ez nituzke egingo, baina izugarri gustatzen zaizkit. Oso pozik nago feminista gazte asko daudelako. | news |
argia-e8489634d3b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/kalamua.html | Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, akusatuen aulkian | Oskar Epelde | 2016-10-02 00:00:00 | Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, akusatuen aulkian
Kalamua erantzukizunez landatu eta kontsumitzeko sortutako elkarteak justizia administrazioaren jazarpena jasaten ari dira EAEn (bereziki Gipuzkoan) Madrilen ezarritako irizpideen ondorioz. Orain urte erdi inguru zigor-epaia jaso zuen Urretxuko ACEE-AU elkartean izan gara euren lekukotza jasotzen, eta bide batez euren lana hobeto ezagutzen.
Duela bost bat hilabete Gipuzkoako Lurralde Entzutegiak, lehen instantziako epai bat berretsiz, hiru hilabeteko kartzela-zigorra eta 22.000 euroko isuna ezarri zizkien Urretxuko ACEE-AU elkarteko bi arduraduni. "Epaiketan ez genuen inongo konponbiderik aurkitu, konponbide bakarra politikoa baita", dio euretako batek, Goiok. Azaldu digutenez, elkartearen jarduera gardena dela erakusten duten dokumentu ugari erantsi zioten sumarioari: elkartearen estatutuak, EAEko elkarteen erregistroan daudela dioen ziurtagiria, kontsumo aurreikuspenen araberako kalamu landaketa usainik gabekoa egiten dutela dioen txostena…
"Hala ere, hiru orrialdeko epaian, horri kasurik egin gabe, Auzitegi Gorenak emandako azken epai zigortzaileen argudioak hitzez hitz kopiatzen dira", dio Goiok, trafikatzailetzat jo dituztelako minduta. Horrexegatik erakutsi digute zer den egiten dutena: "Arriskua aurreikustea", Goioren esanetan. "Kalamua neurrien barruan ematen da. Supermerkatu batean hogei litro ron eros daitezke arazorik gabe. Hemen 21 urteko adin nagusitasuna eskatzen dugu". 300 bazkide dituzte, eta 600 bat landare. Egunero gehienez bi gramo har daitezke, urtean 720 gramo.
Diotenez, duela sei urte elkartea sortu zutenetik nabaria da merkatu beltzak behera egin duela Urola Garaian; bide batez, kideengan kontsumo konpultsiboa desagerrarazi dute. Elkartean daudenez geroztik kantitate txikiagoak kontsumitzen dituzte, gero eta txikiagoak elkartean denbora luzeagoa egin ahala.
Espainiako Estatuko eta Europako hazi onenak ekoizteaz harro daude. Kalamuarena industria lokal eta jasangarria izan daitekeela dio Goiok: "Landarea oso-osorik erabiltzen da. Esentziaren olioak tumoreak, esklerosi anizkoitza eta haurren epilepsia tratatzeko balio du".
" Narko -tzat jo gaituzte, baina Mariren 'obreroak' gara"
Gizarte-segurantzari ordaindu egiten diote. Izan ere, lau lanpostu sortu dituzte 24 orduko zaintza behar duen 300 lagunentzako kalamu landaketaz eta banaketaz arduratzeko. Aparteko dirutzarik ez dute lortzen, baina jarduera ekonomikoen zerga ordaintzen dute, eta zuzendaritza batzordeko kideetako baten esanetan "ogasun publikoa pozik dago gurekin".
Kalamua aukera handi bat dela eta baserri asko salbatzeko balio dezakeela sinisten dute. AEBetako Eureka herria dute eredutzat; han 20.000 lagunek landatzen omen dute kalamua.
EAEko Menpekotasunen Legea garatzea eskatzen dute, Uruguai eta AEBetako hainbat estatutan garatutakoen antzeko araudi bat sortzeko borondate politikoa egon badagoela uste dute eta
"60 urteko debekuaren ondoren gure jarduera normalizatzea eskatzen dugu". ACEE-AUko kiden iritziz, konponbideak politikoa behar du. Eusko Legebiltzarrak onartutako Menpekotasunen Legearen garapena eskatzen dute, Uruguai eta AEBetako hainbat estatutan (Kalifornia, Colorado…) garatu dituztenen moduko arau-eredu bat EAEn sortzeko borondate politikoa egon badagoela uste dute eta.
Gardentasunez arituta, hobeto
Menpekotasunen Legeak kalamu-hartzaileen gizarte-klubak aitortzen ditu, eta Alderdi Popularrekoek ez beste legebiltzarkide denek babestu zuten. Estatuko beste erkidegoetan ez bezala, EAEn "eredu arautu bat lor daitekeela dirudi, hala ere…", diote. Nolanahi, ezkutatzen ibili gabe gardentasunez jokatu nahiago dute, ezagutzak onarpena ekarriko dielakoan.
Zigortuak izan ziren bi "obreroek" ez zeukaten aurrekari penalik. Izan ere, hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituztenez, ez dute jarri epaiaren kontrako helegiterik, eta isuna ordaindu ordez lan soziala egin ahal izatea eskatu diote epaileari. Zer eta orain arte egin dutena garatuz. Esaterako, prebentzioari buruzko irratsaio bat grabatzen ari dira, kalamua hobeto nola hartu azaltzeko. Arriskuez hitz egiten dute saioan, "adibidez, kontsumitu ondoren autoa gidatzeaz".
Kalamuaren arriskuengatiko ardura
Kalamua hartzearen ondorioak ezagutarazteaz kezka dute, "ez baita egia kaltegarria ez denik". Osasun arriskuak eta arrisku juridikoak aztertzen dituzte eta jakintza zabaltzen saiatzen dira. Horretaz gainera, landareen ibilbide osoa zaintzen dute, ekoizpenetik kontsumoraino, hartzen dutenaren kalitatea landu eta bereizketak eginez.
Euren kezka nagusietakoa da adingabeak eta kalamua ez direla ondo konpontzen. "Ez lukete kalamua hartu behar", diosku Goiok, "eskola-porrota eragin eta burujabetasunaren garapena bloka dezakeelako". Irratsaioetako gai nagusi bat da hori. Besteak beste, programa Zumarragako adinez beherakoen kartzelara eramaten saiatzen ari dira.
Ez dute jarri epaiaren kontrako helegiterik, eta isuna ordaindu ordez lan soziala egin ahal izatea eskatu diote epaileari, zer eta orain arte egin dutena garatuz
ACEE-AU bezala, Eusfac elkarte-federazioaren barruan eta antzeko eraketa eta arauketarekin jarduten diren elkarte gehienak izan dira auziperatuak azken bolada honetan. Epai batzuk absoluziozkoak eta beste batzuk kondenazkoak izan dira, Eusfacen esanetan egitatezko elementuak berdinak edo oso antzekoak izanik ere. Batetik, EAEko Auzitegi Gorenak kalamua elkartetik kanpora hedatzeko arrisku abstraktua aitzakiatzat jarriz, lehen zigor-epaia eman zuen iazko irailean Bizkaiko bi kalamu elkarteren aurka. Bestetik, Estatuko Fiskal Nagusiak kalamu elkarteak XXI. mendeko plaga berritzat jo zituen zirkular sorta batean; harrezkeroztik, Gipuzkoako fiskaltzak ahalik eta elkarte gehien auziperatu ditu, "euren karreran aurrera egiteko-edo", Goioren ustez.
Akusazio idatziak gogortu dituzte, gainera. Berriki, erakunde kriminala izatea egotzi diote epaiketaren zain dagoen Donostiako beste elkarte bati. 400.000 euroko zigorra eskatu diote. "Bizitza hondatu ahal dizute, pentsa adibidez zazpi urteko alabaren zaintza ken diezazuketela".
Egiten duten lana onuragarria dela erakutsi nahi dute. "Elkartean ez dugu sekula liskarrik izan, bazkideen onarpena arretaz egiten dugu, itxarote-zerrenda luzea dugula esanez". ACEE-AUko bazkide izateko eskualdekoa izan behar da, eta %90 Urretxukoak dira. Bertako kalamu kontsumitzaileen %10 omen dira. Barne-araudiaren arabera, gehienez 500 bazkide izan daitezke. Goioren esanetan, seriotasun handiz hartzen dute arautzea. Adibidez, erabat bereizten dituzte kalamua eta beste drogak, merkatu beltzean ez bezala. Kaleko saltzaileek haxixa, anfetaminak edo LSDa izaten dituzte poltsikoetan. Elkartean berriz, kalamua baino ezin daiteke hartu.
"Lehen baino okerrago gaude"
Batek loradenda batean egiten zuen lana, beste bik inguruko enpresa batean. Lanpostu haiek utzita kalamuaren industrian lan egiten dutenetik hamaika sari jaso dituzte. "Historia egiten ari gara", dio batek txantxa doinuz, "agian ARGIAren argazki hauek etorkizunean lan aitzindaritzat hartuko dira". Kalamua ekoiztu eta kontsumitzeko eskubidea iristear dagoela uste dute, "baina hamaika urte igaro dira lau urteko borroka besterik ez zela geratzen pentsatzen hasi ginenetik, eta hasieran baino okerrago gaude orain", dio zuzendaritza batzordeko beste kide batek.
Etorkizunean ez dute epaitegiekin zerikusi gehiagorik izan nahi. Jarduera-baimena dute, zergak ordaintzen dituzte eta hainbat azterketa bideratu dituzte poliziarekin protokolo bat adosteko. Kalamuaren kontsumoa elkartetik kanpora hedatzeko aukera eragotzi dute, eta landareen usain guztia pabiloi barruan geratzen da. Hori da Ertzaintzak eskatu diena. Kanpotik usaintzen ez bada eta alarma soziala sortzen ez badute, bakean utziko omen dituzte.
Itxaropen horrekin jarraitzen dute euren industria-jardueran. OHO izena duen haxix berezia ekoizten ikasi dute. Trebezia handia eskatzen du, kalamua gasarekin nahastu behar delako aurrena, eta arriskutsua delako. Erretxinak hartzen duen azken forma urrearen koloreko haxix berezia da. Gramo batek 90 euro balio dezake Holandan, eta hemen hamar euroren truke destilatzen dute.
Lapurtuko baliete, ezin salatu
Elkartearen baratzea non kokatuta dagoen bazkideek ere ez dakite. Lapurren beldur dira, gehienbat. Gauero norbait geratzen da pabiloian, landaketa-eremua zaintzen. "Lapurretan etortzen badira, egin dezakegun gauza bakarra inolako gogorkeriarik erabili gabe lapurreta saihesten saiatzea da", dio Goiok, "lapurtuko baligute ezin izango genuke salatu".
Eta agur esan aurretik, azken mezua: kalamua, arazoa baino, aukera da. "Desinformazioak bihurtzen du arazo". | news |
argia-8612417702cf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/kontzertua.html | Bai eta ez | Montserrat Auzmendi del Solar | 2016-10-02 00:00:00 | Bai eta ez
Apustu txalogarria iruditzen zait Bilbao arte portua izeneko kontzertu handien ziklo berria. Baditugu Bilbon musika klasikoa disfrutatzeko aukerak, baina ongietorria ematen diogu ekimen berri honi. Halere, beldur berezia sentitu nuen ziklo honen lehenengo saioan. Orkestra on bat izan dugu, Maggio Musicale Fiorentino orkestra hain zuzen ere; Zubin Mehta bezalako legendazko zuzendari bat, eta oso jende gutxi zegoen Euskalduna Jauregiko auditorioan. Ezin nuen sinetsi. Eguraldi txarra? Sarrera garestiak? Ez dakigu, baina ez zen normala.
Nahi eta nahi ez, egoera honek hoztasun puntu bat eman zion kontzertuari, hasieratik bukaeraraino, eta, nire ustez, nabaritu egin zen Mehta maisuak emandako fruituetan.
Egitarau zinez interesgarria eskaini zuten, hori bai. Amaitu gabeko bi sinfonia paregabeak: Schubertena eta Brucknerena. Eta emaitzak guztiz desberdinak. Schuberten Sinfonia si minorrekoa D 759 Amaitu gabea " obra liriko eta poetikoa da, benetako maisulana. Eta bai, honen irakurketa gozo bat izan genuen, baina nahiko planoa eta, esango nuke, aspergarria. Bertsio soila izan genuen, soilegia agian, adorerik gabea. Zubin Mehta pasiboa aurkitu genuen, ez zuen partituratik inongo txinpartarik atera. Orkestrak soinu ona eta konpaktazioa eskaini zituen, baina handik aurrera ez genuen ezer bereziki atera.
Zorionez, beste poz bat hartu genuen kontzertuaren bigarren zatian. Bruckneren 9. Sinfonia re minorrekoa A 128 obra oso lan adierazkorra da, mila ñabardura gordetzen dituena, eta halaxe sentitu genuen. Aitortu behar dugu soiltasunaren bidean jarraitu zuela Mehtak, baina aldi honetan bai atera zuen partituraren arima. Lehenengo mugimenduak Feierlich , Gradazio misteriosoa eta interesgarria izan zuen. Bigarrena, Scherzo , lehor eta gogorra iritsi zitzaigun, behar bezala, eta une onena, dudarik gabe, hirugarren mugimenduan izan genuen. Adagio miresgarria entzun genuen, mistikoa, ederra.
Ziklo honen bigarren saioa urriaren 23an izango da. Moscow Virtuosi izango dugu Vladimir Spivakov-en batutapean. Ea publikoak erantzuten duen. | news |
argia-dd6d2963d003 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/sosa-jokoan.html | Sosa jokoan | Enrike Diez de Ultzurrun Sagal� | 2016-10-02 00:00:00 | Sosa jokoan
Duela hiruzpalau astetik hona, arloz arlo bilerak egiten ari dira Nafarroan, aldaketaren gobernuari eusten dioten lau alderdiak, heldu den urteko aurrekontuetan dirua nola banatu adosteko. Beharrak handiak baitira, eta sosak, aldiz, gutxi, eta ez da erraza izanen, ezta hurrik emanda ere, eskaera guztiak asetzea.
Kontuan hartu behar da, gainera, sos alde izugarria bideratu behar dela UPNk utzitako diru zuloak estaltzera. Ahal Duguk eta Ezkerrak arlo soziala lehenesten dute bertze ezeren gainetik; gizarteratzeko errenta, zehazki. Horixe erraten dute behin eta berriz. Baina erreparatu gabe kontu soziala ere badela, konparaziora, dirua landa ingurunera bideratzea, Nafarroako eskualde jakin batzuk jendez hustu ez daitezen, ibar aunitzetan adineko jendea baizik ez baita bizi.
Euskara eta jende euskaldunen eskubideak, ordea, ez dira inola ere lehenesteko modukoak aipatu bi talde horientzat; hori gauza jakina zen, eta bileretan berriz ere agerian gelditu da. Izan ere, gaia mahai gainera atera bezain laster, errezeloak hasi dira berehala. Eta eztabaidagaia ez da Euskararen Legea aldatzea, Ezker Batuak argi eta garbi adierazi baitu aldaketa ororen kontra dagoela, eta ez duela inolako aldaketarik bermatuko legealdian. Orain eztabaida dirua da, hau da, zenbat diru eman Euskarabideari.
Euskalgintzako taldeek eskaera zehatza egin dute aurrekontuei begira; aurten emandako dirutzaren halako bi bideratzea heldu den urteko aurrekontuetan, euskalgintzan diharduten taldeak itoduratik ateratzen hasteko (euskal komunikabideak, helduen euskalduntzea eta abar). Hori entzun bezain laster, Batzarrerekin batera Ezkerra osatzen duen Ezker Batua taldeko ordezkariek bileretan adierazi dute euskarari sos aunitz eman zaiola aurten, eta –betiko leloa– lehentasunak bertzelakoak direla.
CCOO sindikatuaren esku luzea dago jarrera itxi horren atzean, edo bertzela erranik, hamarkada sail luzean Nafarroan indarrean egon den (eta arlo aunitzetan bere horretan dirauen) erregimenaren zutabe nagusietako bat. Erregimena erraten denean, sosa da; hau da, hemen sekulako egitura eratua egon da Nafarroako diruak adiskideen artean banatzeko. Eta horixe jarri du aldaketak arriskuan. Horregatik oldartu zaizkie zakar baino zakarrago Nafarroako Gobernuari eta hainbat udali, ez baitute dirua galdu nahi, eta CCOO sindikatuak ere sosak atxiki nahi ditu.
Ikusteko dago ea egitura hori arriskuan jartzeaz gain, egiazki sosik gabe gelditzen ote den sindikatu hori, eta bertzeren bat ere bai. | news |
argia-01cdd2c30560 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/publikoaren-saria.html | Babarrun lata bat | unknown | 2016-10-02 00:00:00 | Babarrun lata bat
Zine soziala saritu dute Zinemaldiko ikus-entzuleek, elikagai bankuan emakume bat, gosearen goseaz, babarrun lata bat irekitzen eta zuzenean latatik jaten ikusteak hunkitu egin gaituelako, hainbeste da horrelako eszena batek esan nahi duena. Bai, Ken Loach zuzendari britainiarraren zigilua bete-betean daraman I, Daniel Blake saritu du publikoak, Loachen formula ezaguna zaigun arren, ongi funtzionatzen duen formula delako. Dramatismo merkean erori gabe, gizarte babesari loturiko burokrazia zenbateraino den kafkianoa, bihozgabea eta, areago, hiltzailea salatu du oraingoan zuzendari ezagunak. Demagogikoa eta panfleteroa dela esango du baten batek, baina guri oso errealista eta sinesgarria iruditu zaigu irudikatu duen sistema burokratikoa, pertsonak Gizarte Segurantzako zenbaki huts gisa tratatzen dituena, beharra duen jendea dela sinestea baino nahiago duena iruzur egitera datozela pentsatzea, Estatuaren kontura bizitzera. Beste aldean, biktima ahulen ordez pertsonaia indartsuak eraiki ditu zuzendariak, bizimodu duina lortzeko eta euren eskubideak defendatzeko borrokarako prest, erori ostean berriz altxatzeko eta elkarri laguntzeko prest, eta eraikin publikoen aurrean –eszena bikain batean– graffiti bidez administrazioaren hipokresia salatzeko prest.
Europako film onena ere, publikoaren aburuz, zine soziala da: Claude Barras zuzendariaren Ma vie de Courgette animazio lana. Harrera-etxe batean bukatu duten umeen istorio apur bat naif, apur bat estereotipatua da, baina mimo handiz egina.
Publikoaren Sarirako parte hartu duten pelikulen sailean, Donostiako Zinemaldian behin baino gehiagotan izan ditugun zuzendarien urtea izan da, eta ez digute huts egin, gehienek pelikula gogoangarriak utzi baitizkigute. Horren erakusgarri, hiru adibide:
Pablo Larrain Txileko zuzendari aipagarrienetakoak Neruda aurkeztu du, Pablo Neruda poetari buruzko filma: Alderdi Komunistako kide izateagatik poeta atxilotzeko agindua eman zuten garaian girotua, Neruda lurtarrena erakutsiko digu filmak, bere kontraesan guztiekin. Pelikula biografikoen ohiko arauetatik aldendu eta istorio bitxia, originala sortu du Larrainek: poliziaren pertsonaia asmatu eta errealitatearekin eta fikzioarekin jolastu du, espazioekin, narrazioarekin, generoen uztarketarekin… Ederra da emaitza, irudietan, gidoian, kontatzeko moduan, poetaren unibertsoa atzemateraino.
François Ozon frantziarra ere ez da berria Donostian, eta Frantz paregabea du azken lana. Lehen Mundu Gerraren amaiera da, eta Frantzian guda-zelaian hildako senargai alemaniarraren hilobira bisitan joan da Anna. Baina ez da bakarra, gizon frantziar misteriotsu batek loreak eraman ditu Annaren senargaiaren hilobira. Abiapuntu horri tiraka, iraganari begira eta iragana berreskuratzeko ilusioz bizi den protagonistaren istorioa da Frantz , frustrazioz frustrazio aurrera egingo duen emakumearena. Bihurgunez jositako trama da, baina artifiziorik gabe, dotore eta fin narratua, tonu klasikoan. Nahi duen lekuetatik eramango gaitu zuzendariak, guk sinestea nahi duena sinetsiko dugu, eta merezi duen bidaia izango da.
Iazko Publikoaren Sariak ere errepikatu du aurten: Hirokazu Koreeda zuzendariak. Berriz ere familia eta familiarteko harremanak ditu oinarri After the storm filmean; berriz ere tonu eta erritmo pausatuan kontatu digu istorioa; eta berriz ere, harrapatu egin gaitu zuzendari japoniarraren unibertsoak. Klase ertaineko familia baten amaraun konplexua du aztergai –ohiko legez–, intimista eta hunkigarri batzuetan, umoretsu besteetan, gordinago hainbatetan. Ilusioak desilusio bilakatzen direnean ere, hutsegiteek atzera bueltarik ez dutenean, bizitzan aurrera jarraitu behar da, iragana ezin dugulako aldatu, baina oraina eta etorkizuna bai. | news |
argia-c6f16927d1e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/konta-iezadazu.html | Konta iezadazu | Estitxu Garai Artetxe | 2016-10-02 00:00:00 | Konta iezadazu
Zuk, irakurle, nik baino gehiago dakizu. Hau irakurtzen ari baitzara Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzak eskuartean dituzula, eta ni, berriz, oraindik kanpainako azken egunak falta direnean ari naiz idazten. Beraz, alferrik hasiko natzaizu pronostiko liluragarriekin. Jazotakoa ez jakiteak eman diezadakeen abantaila apurrari etekina ateratzea baino ez zait geratzen: orain artekoaren perspektiba baliatzea. Proposatzen dizudan ariketa erreza da. Zenbait galdera egingo dizkizut; erantzunen arabera, balorazioa zure esku. Ea ba, konta iezadazu:
Nork irabazi ditu hauteskundeak? Lehengo lepotik burua? Eta zer diote alderdi ezberdinen eserleku batuketek? Ba al dago paktu bidez gobernu alternatiba osatzerik? Duela ez asko, bi hilabeteren kontua dela esango nuke, EAJri aurre egin ziezaiokeen balizko gobernu akordioaren hipotesiak bazuen bere indarra. Bada, hauteskunde atarian gauden honetan, inor gutxik ikusten du hori posible izango denik. Horra hor inkestek eraikitako errealitatearen garrantzia. Ikerketa demoskopikoen bidez gero eta gehiago bideratzen dituzte gure usteak, eta, pulamentuzkoak izan ala ez, uste horiek nola baldintza gaitzaketen eta jokabidea nola bidera dezaketen aski aztertu eta frogatuta dago.
Zer diostazu erabakitzeko eskubideari buruz? Gehiengo nabarmena lortu al dute erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiek? Baiezkoan nago. Eta, hala bada, benetan uste al duzu legegintzaldi honetan aurrerapauso nabarmenak emango direla zentzu horretan? Galdera inozoa litzateke inozo izateaz nekatuta ez bageunde. Ezezkoan bazaude, ondorioak zuk zeuk atera ditzakezu.
Eta ezker/eskuin ardatza? Nora jausten da balantza? Zalantza egingo duzu agian alderdi batzuk batean ala bestean kokatu behar dituzun. Akordio bila abiatzeko abiapuntua izan daiteke? Eta erantzuna ezezkoa bada, zergatik ez?
Aurreikusi besteko plastatekoa hartu al dute unionismo tradizionalaren ordezkariek (PSEk eta PPk)? Badirudi gauzak ezer gutxi aldatzen direla, baina pentsatu baino askoz gehiago aldatzen dira. Sinestezina irudituko litzaiguke urte batzuk atzera egingo bagenu. Eta unionismo berriak? Zer moduzko emaitzak lortu ditu Elkarrekin Podemosek? Marka higatuz doakie ala aise lortu dute aurretik lortutako marka?
Zenbat emakume parlamentari izango ditugu? Dezente, seguruena. Aldarri feministak hasi dira fruituak ematen, ezta? Nago Eusko Jaurlaritzara begirako kanpaina honetan aurrerapausoa eman dela bai emakume kopuruan, baita roletan ere. Ezin ukatu, ostera, egiteko asko geratzen dela oraindik eta alderdien artean ere ezberdintasun handiak daudela gai honi dagokionez. Zer deritzozu?
Zure erantzunak irudikatzen gustura nabilen arren, orain aldez aurretik argi dudan gauza bakarra kontatu behar dizut: ez dira hauteskunde demokratikoak izan. Hautagai izateko eskubidea ukatu zaio Arnaldo Otegiri, hau da, bigarren (edo hirugarren?) geratu den taldeak, EH Bilduk, aukeratutako pertsonari. Horrek esan nahi du oraindik ere herri honen etorkizuna togadun poliziak baldintzatzen duela herri-borondatearen gainetik. Txarrena da, hamaikatxo ikusiak garenez eta asaldagarritasunaren muga guztiak gaindituta ditugunez, lozorro gaudela horrelako kanpo injerentziei erantzuteko. Baina, noiz arte? Itaun horren erantzuna ez dute hauteskunde batzuen emaitzek ebatziko, euskal herritarron berresnatze kolektiboak baizik. Hortaz, orain arte egin dizudan galderarik garrantzitsuena errepikatuko dizut. Noiz arte? | news |
argia-d59750185c60 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/itxaropena-esklabotza-da.html | Itxaropena esklabotza da | Jakoba Errekondo | 2016-10-02 00:00:00 | Itxaropena esklabotza da
Hagin bat sortzeko gai bazara, milaka urterako mundu bat egiteko ahalmena duzu. Milaka urte bizitzeko pazientzia hartzen du, bai, haginak ( Taxus baccata ). Milaka urte horietan mundu asko biziko dira haginaren inguruan: txori, intsektu, landare, goroldio, perretxiko... Etenik gabeko aldaketa bizia. Zure esku dago mundu horiek sortzeko aukera, eta, agian egunen batean, zure munduan egin duzun gauzarik ederrena dela jabetuko zara. Hagin bat sortu.
Hagin bat zure besoetako egin nahi baduzu, bi bide urra ditzakezu: hazia eta aldaxka. Biak egokiak dira, baina berak milaka urte bizitzeko hartzen duen adinako pazientzia izan beharko duzu zeuk ere. Alaba bat ekarriko bazenu bezala da, urteetako lana, baina emaitza ikaragarria. Oraintxe duzu lan horretara emateko garai ona. Haziak laster erakutsiko ditu hagin emeak eta aldaxkak moztu eta landatzeko sasoia da.
Haginak dioikoak dira: zuhaitz batzuk arrak eta beste batzuk emeak. Biek loreak ematen dituzte, baina fruitua emeak bakarrik. Hazia ereinez gero, ez dakizu sortuko den hagina arra edo emea izango den. Aldaxkatik bai: arraren aldaxkatik arra sortuko da, eta emearenetik emea, beti. Egokienak inguruan dituzuen haginetakoak dira, bertakoak. Ez alferrik ohituta eta egokituta daude.
Haziaren bidetik: fruituak arilo gorri lirdingatsu ikusgarria du, barruan, erdi bixtan erdi ezkutuan, hazi beltx borobil gogortxo bat duena. Hagin eme bat baino gehiago ezagutzen baduzu, denen fruituak bildu. Eskukada batean baso oso bat hartzeko gai zara. Baso bat zure esku. Haziari arilo gorria kendu eta haziak bereizi. Haziak eta eskukada bat erreka-hondar poto batean sartu, itxi eta astindu eder bat eman. Eskuekin ere egin daiteke, hondarretan marruskatu. Helburua haziaren azalean ebaki ttikiak egitea da. Gero irakiteko punttuan dagoen uretan sartu, eta, hoztutakoan, hondar artean geruzatu: ontzi batean hondarra-haziak-hondarra-haziak jarri eta hozkailura. Tarteka ur pittin bat eman, baina ito gabe, haziak ez usteltzeko. Hiru hilabete igarota, negu-neguan erein. Ereiteko tokia ondo aukeratu, ale batzuk udaberrian jaioko badira ere, beste batzuek hurrengo urteari itxarongo baitiote. Zentimetro bete lurpean sartu. Eta itxoin. Alabari itxoin egiozu. Itxaropena esklabotza da. | news |
argia-660f4a46a44e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/liburua.html | Anaien artekoa | Aritz Galarraga | 2016-10-02 00:00:00 | Anaien artekoa
Hizki baten garrantzia: hatxea erantsi dio Auspoa argitaletxeak bilduma berriari, Hauspoa. Hizki baten garrantzia: mutua izan arren, eta batuaren sorrera garaiak horren lekuko, zenbat esaten duen, zenbat gordetzen bere baitan. Baten batek esango du berandu, baina ongi etorria egiteko modukoa da ekimena: Auspoa zaharreko alerik esanguratsuenak berritu, euskara estandarrean jarriko ditu bilduma honek. Estreinakoa, klasiko bat, Neronek tirako nizkin , Sebastian Salaberriarena. Autobiografikoa, haur-gazte denboretako berri eman ondoren, gerrako ibilerak kontatzen dituena. Oker ez gadaude, Hegoaldean euskaraz publikatu zen 1936-39ko gerraren aurreneko lekukotza.
Emailuak laburtzen digu: anaia "bestek esanda" Bilbora alde egina, abertzaleekin. Sebastian Donostian geratu, gerra berehala bukatu eta libratuko zelakoan. Kukuak oker jo: frankotarrekin frentera. Hain zuzen ere, horixe da narrazioak nabarmentzen duen gatazka: "Beti kezka horrekin ibili nintzen gerra-denbora guztian: ea nire anaia hori nonbait aurkitzen ote nuen hilda, erituta edo prisionero eginda". Ondo azaltzen du Anjel Lertxundik, edizio batuaren hitzaurrean: "Soldadu berriak ez du bere eginkizunaren zentzu historikorik, bere jardunaren epikotasunik, sentimendu aberkoi berezirik". Anaien artekoa da gerra, beraz –beti anaien, auskalo non sartzen ziren ahizpa-arrebak–: gerra eremu familiarrera ekarrita, karga politikorik gabe, erabat deskontestualizatuta, errebisionismoak egiten duen irakurketarekin lerratuko litzateke kontakizuna. Ez, egia da, eta eskerrak, bereziki banderizo, ez etsaiak sobera itsututa: "Jeneral agintari hura, gizon ospetsua izan arren, soldaduen mendean baitzegoen. Gauza penagarria benetan!". Esan dezagun besteren gainetik maite duela ordena. Eta, ordurako euskal nobelagintzak egina zuen arren urratsik modernitatera –Etxaideren saio historikoak, Loidiren nobela beltz ospetsua, Txillardegi ren lan existentzialak–, lehena izateagatik pasa dela nabarmen historiaren paperetara. Lertxundik, berriz: liburua irakurri zuen lehen aldian etxeko euskararekin egin zuen topo. Lehendabiziko aldiz: "Ez nuen etxeko berorik topatzen ordur a arte euskaraz irakurrita neuzkan liburuetan: batzuk garbizaletasunez zipriztinduak, eta beste batzuk, berriz, garo-usainak markatuak, urrutikoak egiten zitzaizkidan edo idealizatuak, lehorrak, kasik arrotzak". Horixe omen liburuaren bertuterik handiena: "Ahozkotasunaren jarioa ematen jakin izana. Liburua altxor txiki bat da ahozko baliabideak idatzizko testu batean nola txerta litezkeen aztertu, ikasi eta imitatu nahi duenarentzat". Horrexekin geratuko gara ba. Eta Hauspoaren emaitza berrien zain. | news |
argia-af5446cfcc5f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/nola-ikusten-gaituzte-estralurtarrek.html | Nola ikusten gaituzte estralurtarrek? | Oihana Etxebarrieta | 2016-10-02 00:00:00 | Nola ikusten gaituzte estralurtarrek?
Virginia Woolfek bere buruari galdetu zion behin, nola ikusiko gintuzkete gure egunkariak irakurriko lituzketen estralurtar batzuek. Batez ere gizonak existitzen direla pentsatuko lukete eta politikaz, ekonomiaz eta antzekoez hitz egiten dugula etengabean.
Begira batzordeak (Emakunderen baitako komunikazio behatoki lanak egiten dituen taldea da hau) egindako gomendio sorta sinatu zuten hainbat komunikabidek orain hilabete batzuk, baina sinaduratik harago, askorik ez da aldatu haien egunerokotasunean. Rioko Olinpiar Jokoetan emakume kirolarien aipamen sexista ugari irakurri behar izan ditugu (gomendioak sinatutako komunikabideetan ere bai), hauteskundeen inguruan emakume politikariei eta gizonezkoei eman zaien tratua ez da beti berdina izan (Twitterreko @ikusgaitasuna behatoki digitalak adibide mordoa bildu ditu ere kanpainan zehar). Adibideak, tamalez, soberan ditugu.
Badago ordea, bidea egiten ari denik, eta horri ere aitortza zor diogu. Gure esku dago, kontsumitzaile garen heinean, prentsa horren kontsumotik (edo kontsumo ezetik) bidea urratzen dutenei eskua eman eta besteei aldatzen hasteko eskatzea. Hurrengoan, estralurtarrak etorriko direnean, argazki osatuago batekin topo egin dezaten behintzat. | news |
argia-8e4a2eebcf77 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/juan-gorostidi-saiogilea.html | "Usurpazioa izan zen, ustez borrokatzen zen sistema bat erabiliz eta borroka armatuarekin tematze itsu batez gauzatua" | Mikel Asurmendi | 2016-10-02 00:00:00 | "Usurpazioa izan zen, ustez borrokatzen zen sistema bat erabiliz eta borroka armatuarekin tematze itsu batez gauzatua"
Altza-Pasaia, 1956. Errenteriako mugimendu autonomoan aritu zen gazte garaian, 1978 urte aldean. Egun, Tai Chi Chuan eskola dauka Donostian. Arte martzialak erakusten ditu, euskaraz. Meditazioa lantzen du. Zazpigarren heriotza (Erein) bere bigarren saioa da. 2011n publikatu zuen lehena: Lau kantari: Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika: "17 urterekin une berezia tokatu zitzaidan bizitzea. Unibertsitate ikasketak fabrikan egin nituen. Gure aitak kontatzen zigun, bera heriotza ziur batetik libratu zela, irakurtzen eta idazten zekielako. 'Horrek salbatuko zaituzte' zioskun aitak. Haren azpiko agindua jaso nuen nolabait".
Liburuaren azala Lemoizko Zentral Nuklearrean egindako argazkia da. Berezia da azala, baita liburuaren titulua ere.
Argazkia nik egina da, alaba ageri da behean. Dinamitaz egindako zauria bezala ikusten dut, hormigoizko eta burdinazko eskultura bat iruditzen zait. Argazkia ez da, agian, komertzialki erakargarria. Baina, zergatik azaldu liburu deseroso bat argazki "eroso" batez apaindua? Zazpigarren heriotza titulua Attila József poetaren Zazpigarren poemak iradokia da. Poemak heriotzaz eta birjaiotzeaz hitz egiten du. Konbertsioaz ari da, eta nik, funtsean, horretaz idatzi dut liburuan.
Saioa azken 50 urteko borroka sozialaz eta politikoaz ari da, besteak beste. Bortxaz ari da, heriotzaz. Gaia ez da samurra. Zergatik "heriotza eta birjaiotza" beharra?
Birjaiotzeko hil egin behar da, baina normala denez, inork ez du hil nahi. Modu sinbolikoan ari naiz. Ordea, hauxe ulertu behar dugu: iragan berriko fenomeno sozio-politikoa bizi izan dugunok –ETAren leku zentrala kontuan harturik–, ez badugu heriotzaren gaia lantzen, fantasmak edo zonbiak bilakatzera gaude kondenatuak. Adineko jendearen itxura dugu, itxura maitagarria beharbada, baina jendartetik kanpo biziko bagina bezala geratuko gara. József poetak dioenez, behin, bi edo sei aldiz hiltzea ez da nahikoa, zazpi aldiz hil behar duzu. Eta zazpigarren ahalegina zerorrek egin behar duzu. Zazpigarren heriotza ez da liburu erosoa, baina gutxiengo batek bederen irakurtzea espero dut.
Zer da zuretzat Zazpigarren heriotza ?
Zain nuen liburua da. Editoreak eta lagunek bultzaturik idazteko urratsa eman nuen, ez naizelako idazle. Ni ikasle eta idazlari sentitzen naiz. Nire adinean horrelako lanetan hasteko "ausarta" izan behar da. "Gai izango ote naiz?", pentsatu nuen. ETAren bukaera suertatu zen eta nire barne presioari erantzuteko premia areagotu zitzaidan, barne korapiloa askatu beharra. Alabari idatzitako gutun batez abiatzen da liburua. "Orain hasten da zailena", idazten diot. Nire buruari ere botatzen diot erronka: "Eta orain zer?". Hau da, zer egin behar dugu hemendik aurrera? Bizi izan dugun amets gaizto horretatik hala edo nola libratu etorkizunari begira? Saio honen gai nagusia dolua da. Gaiak berean sakontzea eskatzen
"Alabari idatzitako gutun batez abiatzen da liburua. 'Orain hasten da zailena' idazten diot. Nire buruari botatzen diot erronka halaber: 'Eta orain zer?'
du. Batzuek "noraino joan zara edo joan nahi duzu" esango dute: "Zertaz ari da?". Hasteko, geldiune bat egin behar dugula uste dut. Liburuan hori agertu nahi izan dut. Nire ustez, planteatu dudana baino gutxiagorekin ez goaz inora. Horrek ez du esan nahi, erantzunen bila nabilenik. Irtenbide errezetak baino urgentziazko dei moduko bat dago liburuan: "Geldi gaitezen!". Tarte bat hartu behar dugu bizi dugun krisiari eta aldaketari buruz hausnartzeko. Aldaketa prozesu guztiek krisi bat dute beren baitan. Krisiak galera erran nahi du, aurreikusia zenuen perspektibatik errealitateak bortxaz desbideratu zaituela. Horri trauma, istripua edo dena delakoa deitzen zaio. Une horretan ezinbestekoa da gelditzea.
Zer da dolua, zure ikuspegitik?
Dolua ez da, desgrazia hau gertatu zait eta pasa behar dudan trago txar bat. Dolua ekintza aktibo-pasibo bat da, nolabait esanda. Aktibotasuna dago, zu prest zaudelako ibilbide hori egiteko, jakin behar duzu hala ere, ez dakizula ibilbide horrek noraino eramango zaituen. Erabaki irmoa dago hor. Hau da, trago mikatz hori edango dut, artean ondorioa ezagutu gabe. Bestera esanda: istripu bat gertatu zait eta "niri hau ez zitzaidan gertatu behar" esaldiarekin tematzen gara, ukazioan. Jarrera horrekin, bidean eman beharreko hurrengo pausoa erabaki dugu horrez gero. Horrek zapuzten du dolua. Aitzitik, doluak hutsune horri aurre egitea eskatzen du, hor dago alde pasiboa.
Liburua "legearen aurrean jartzeko, gogoeta zubi" bezala hartu al daiteke?
Komeni da argitzea. Zu zeu zein legez ari zaren eta zein legez ari den liburua. Legea maiuskulaz eta minuskulaz idatz daiteke. Ni maiuskulaz ari naiz. Lege hori ez dakigu zer den. Legea bestea da, nolabait. "Bestea", hau ere maiuskulaz. Legea ulertu eta harrapatu ezin dudan hori da. Kafkaren irudiari jarraituz, zaindari beldurgarri bat dago Legearen aurrean. Lege horrek aginte eskuraezin eta beldurgarri baten modura funtzionatzen du, erantzunik ez duen zerbaiten zirikatzailea da. Zentzu horretan Legea trata ezina den neurrian, baina beti presente, erantzun baten eske ari zaigu, etengabe.
Trantsizio ondorengo ETAtik egungo ETAra bitarteaz ari da saioa. Ezker abertzaleak ETAren jardueraz eginiko hausnarketarekin kritiko zara.
Bai. Gaur egun ia denek –bai ezker abertzaleak bai ETAn ibilitakoak ere– esaten dute "gure diagnosia ona zen, Urkulluk edo Erkorekak onartzen dute hori". Hau da, Trantsizioa ustela izan zela, ez zuela frankismoa gainditzeko balio izan. "Gure diagnosia egokia zen" diote, baina jauzi ustel bat egiten dute, oso sintomatikoa da beren arrazoibidea: "Guk egin genuen diagnosia zuzena zenez gero, gure ekimena zuzena izan da". Noiztik hori, aizu? Zu oinazean zaude eta diagnostikoak minbizia duzula esaten dizu, baina edozein sendabidek ez dizu balio.
ETAren porrotaz ari zara.
Bai, ETAren porrotaz ari naiz, baina ETAren porrotaz baino gehiago, harago joanez, mundua aldatu nahi genuenon porrotaz ari naiz. Gertatu zena, nik esplikatzen dudan moduan noski, hauxe da: ETA jendartearen zurrunbiloaren barruan zegoen erakundea zen, gu gizarte dinamikan ari ginen, barru-barruan. Gaurdanik begiratuta, egoera hura ulertzea zaila da. Bortxazko egoera soziopolitiko hartan astero hildakoak izaten ziren, horietako asko poliziak hilak. ETAren bortxa
"Pertsona batek konbertsioaren bidea 'aukeratzen' duenean, eromenaren atarian inork ez baitu modu lasai eta askean aukeratzen, erantzun instintibo moduko bat izaten du. Horregatik dira konbertsioak ere erabatekoak"
bestalde. Bortxazko egoera hartan egituratzen da ezker abertzalearen aparatua. Besteak beste, ezker abertzalea egituratu gabe zegoelako. Altsasuko Mahaia 1978an eratu zen. ETAren inguruko militante haiek, gutxiengoa ziren. Horrela zen Errenteria bezalako leku "beroetan". Bereganatze moduko bat gertatu zen. Suplantazioa esaten dut nik, are hitz gogorragoz esan ere: usurpazioa izan zen, ustez borrokatzen zen sistema bat –hauteskundeak, instituzioak…– erabiliz eta borroka armatuarekin tematze itsu batez gauzatua.
Gaurdanik begiratuta, egoera hura ulertzea zaila dela diozu. Azaldu egoera gehixeago.
"Politika" eremuan sartzeak luze joko luke. Errenteriako mugimendu hark sistemarekin, trantsizioarekin, mundu mailako krisi eta birmoldaketa prozesuarekin topo egin zuen. Nire bizipena hauxe da: Errenterian 10.000 pertsonen manifestazioak eta astebeteko greba orokorrak zeuden. Nola daiteke, urtebetean botere sentsazio nabarmena edukitzea, eta bi urtera mugimendua hutsaren hurrengoan geratzea? Zer gertatu zen Errenteriako, Gasteizko edo Lemoizko Zentral Nuklearraren aurkako mugimenduan? Nola liteke halako herri mugimendu indartsua izanda, handik bi urtetara, sindikatuak zirela eta, hauteskundeak zirela eta, han jardun ginen militanteok gure atzetik inor ez zetorren sentsazioarekin geratzea?
"Gauetik biharamunera agertokia aldatu zen", idatzi duzu liburuan.
Bai. Guk ez genuen gaitasunik izan egoera hari aurre egiteko. Egoera tamalgarri haren aurrean gehiengo suminduak zer egiten zuen? ETA-ezker abertzalearen aparatutik zetozen konsignetara makurtu: "Aurrera mutilak!". Une batez egoera aztertzeko gelditu beharrean –dolu egin beharra zegoen ordurako– kontrako bidea hartu zen: zenbat eta gogorrago eta bortitzago jokatu, hobe. Euren hitzetan, hura zen erradikala izatea. Baina joera hori ez da erradikala. Konturatu gabe, borrokatzen duzun etsaiaren laguntzaile bilakatzen zara.
Boterea perbertsoa da.
Bai. Gure "botere kuotari" atxikitzeak bizi dugun porrot-egoera ikusteko ezintasuna dakar. Harrokeriak eramaten gaitu gure mugak ez onartzera, gure ahalegin horren mugak ez onartzera. Gure ezintasunaren eta frustrazioen elikatzaile bihurtzen gara automatikoki.
Pertsonok "hamalau" izaten gara.
Txikitasun konplexua dago horretan. Harrokeri horrek ahuldade handia erakusten du. Badirudi ahuldadea kikiltzea dela, eta ez da hori. Aitzitik, gotortzean egon liteke ahuldaderik arriskutsuena.
ETAko buruzagi Jose Luis Alvarez Santacristinaren ( Txelis ) kasuaz iritzia ematen duzu. Konbertsioa sakonetik landu duzu.
Galdera planteatzen dut: zergatik gertatzen da konbertsio fenomenoa? Hona, nire ikuspegia: mugaz ari gara. Une batez muga batera iritsi zara, zure bizia eta besteena jokoan jarri dituzu eta hormaren kontra jo duzu. Irtenbide gutxi duzu hortik ateratzeko. Zer aukera daukazu? Bat, zure buruaz beste egitea. Beste bat, eromenean erortzea. Askori gertatzen zaio. Hirugarrena konbertsioa da. Hiruen artean positiboena konbertsioa da, noski. Besteak erabat suntsitzaileak direlako.
"Kontua ez da juzku morala egitea, hori inportantea izanik ere. Nik ez dut Txelis ez juzku moralik egin nahi. Luze polemizatu dut beste era bateko 'konbertsoen' ekarpen interesante baina erratuekin, Joseba Zulaikarena, esaterako"
Pertsona batek konbertsioaren bidea "aukeratzen" duenean, kakotxen artean, eromenaren atarian inork ez baitu modu lasai eta askean aukeratzen, erantzun instintibo moduko bat izaten du. Horregatik dira konbertsioak ere erabatekoak. Derrepente bizitza eta heriotza daude jokoan. Konbertsioa bizi duenak tximista sentitzen du goitik behera. Beraz, irtenbidea "arrazoizkoa" iruditzen zait. Horren adibide asko dago historian.
Hainbat pertsonen jokamoldea zalantzan ipini duzu. Gure morala berraztertu beharra aldarrikatu nahi duzu?
Bai eta ez. Kontua ez baita juzku morala egitea, hori inportantea izanik ere. Nik ez dut Txelis ez edo beste edozein pertsonaz juzku moralik egin nahi. Luze polemizatu dut beste era bateko "konbertsoen" ekarpen interesante baina erratuekin, Joseba Zulaikarena, esaterako. Esaten dudana da: "Aizu, zure konbertsioa publiko egiten baduzu, ustezko aldaketa horren ondorioz, zalantzan jartzen dut zure aldaketa bizi edo hil hurren zaudenean "aukeratu" duzulako. Kinka horretan irtenbide benetan pentsaturik ez dago, ez dago maila horretako aukerarik. Hor bizirik irauteko bulkada dago. Nik kritikatzen dut, horrelako prozesu baten ondoren, pulpitura igotzea eta predikatzen hastea. Jarrera horrek krak egiten dit. Zertara zatoz zure burua adibide bezala jartzera, zure burua non zenuen ere ez dakizunean. Areago, konbertsioarekin onartzen duzu ez zenekiela non zinen, enajenatua zinela onartzen duzu.
Kontua minbera da.
Noski. Txelis ek edo damutu direnak diotena oso sinplea da eta mila aldiz errepikatu da historian zehar. Interesatzen zait jakitea, non zegoen pertsona hori, adibidez, Yoyes hil zutenean. Edo ondorio latzak zituen "kale borroka" hauspotzen zenean. Horren gaineko gogoetak eta esplikazioak interesatzen zaizkit, ez "zalditik erori" ondoren bide zuzena eta argitsua non dagoen. Interpelazio gogorra da, tartean asunto gogorrak ditugulako.
Izan ere, saioaren II. atalak Dolu baterako arrastoak du izen. I. atalak berriz, Errenterian izan zen. Zure garaiko militante eta kide Luis Elberdin kritikatzen duzu Sortze-minez Errenterian azpiatalean.
Ez da kritikatzen dudan interpretazio "historiko" bakarra. Patxi Lopezen jaurlaritzapean eta unibertsitateak ematen duen zilegitasuna aprobetxatuz EHUko Raúl López Romo historiagileak Lemoizen inguruan egiten duena beste adibide lotsagarria da. Gure historian horiek bezalako asko izan dira, ardura handikoak. Noski, oso diferentea da ETAko buruzagi izatea edo historiagile kaskarra izatea, hauen kasuan bezala. Elberdinena askotan gertatu da. Hau da, pertsonak prozesu konkretu batean parte hartzen du –gurea Errenterian izan zen–, eta prozesu horrek politizazio bilakaera dakar berarekin.
"Ardura etikoez ari gara, baina hor bada, baita ere, ardura politikorik: `Jendea desmobilizaturik dago' edo `kontzientzia asko apaldu da'. 'Besteek' al dute beti horren ardura?"
Baina, zer da politika? Oso motz ari gara edozein egunkaritako politika sailean datorrenaz ari bagara. Politika zure prozesua da. Familian, lantokian, jendartean, eguneroko bizitzan muga bat planteatzen duzunean, hautu bat hartzen duzu. Demagun, "lan baldintza hauekin ez nago ados" diozu, eta hor dinamika bat hasten da. Dinamika horrek berak ekartzen du mugen kontzientzia. Esaterako, nagusiak zer aliatu dituen, zein estrategia eta indar. Orduan politizazioak salto kualitatiboa ekartzen du, hau da, kontziente egiten zara esparru ustez txiki hori leku zabal baten barruan jokatzen dela, aginte eta botere oreka batzuk gertatzen direla. Kontzientzia hartzen duzu eta ondorio batzuetara ailegatu behar duzu. Hori da politizazio prozesu bat. Ez ideologizazio prozesu baten bitartez edo hautu emozional kolektibo batzuen bitartez egiten den talde-lerratze hutsa. Benetako politizazio prozesu baten ondorioak ez dituzu ezagutzen, zerikusi gutxi dute eslogan eta formula jakin batzuetara lerratzearekin. Bestela, fetitxeak baino ez ditugu elikatzen.
Errenterian, trantsizio garaian, usurpazio moduko bat izan zela arrazoitu duzu liburuan.
Barne erbesteratze bat ekarri zuena, gainera. Nik inpresioa daukat, bai orduan eta bai gerora ere, hamar lagunetik bederatzik atzera egin dugula une batean edo bestean. Hor dago zenbait komisario politikoren ardura, ikuspuntu askatzailetik ari bagara. Jarduera kolektiboetan engaiatutako gehienok atzera egin izan dugu, geure kokatze pertsonal, sozial eta politikoa birplanteatuz edo, besterik gabe, gogaituta eta erreta, etxera itzuliz. Ardura etikoez ari gara, ni ere ari naiz horretaz liburuan, baina hor bada, baita ere, ardura politikorik: "Jendea desmobilizaturik dago" edo "kontzientzia asko apaldu da". "Besteek" al dute beti horren ardura? | news |
argia-1546a4b5f5bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/lehen-gaueko-bortxaketa-arautua.html | Lehen gaueko bortxaketa arautua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-10-02 00:00:00 | Lehen gaueko bortxaketa arautua
Muskiz (Bizkaia). Lope Garcia de Salazar (1399-1476) setiatu zuen Muñatones dorretxean haren seme Joanek. Giltzapetuta emango zituen bizitzaren azken urteak, Muskizen lehenik eta Portugaleteko Salazar dorrean gero, oinaztarra izan arren ganboatarren alde egin zuelako.
Azken urte horietan Istoria de las bienandanças e fortunas lan mardula idatzi zuen, 35 liburukiz osatua. Mundua sortu zenetik XV. mende erdialdera arteko historia jaso zuen jaun banderizoak eta horri esker Bizkaiko lehen historialaritzat jotzen da.
Bandoen arteko gatazkak ulertzeko balio handiko iturri horretan, besteak beste, Jus Primae Noctis edo lehen gaueko eskubidearen alde idatzi zuen Salazarrek. Horren arabera, jaun feudalek ezkontzear zen haien mendeko edozein dontzeilarekin harreman sexualak izateko eskubidea zuten, ustez.
Eskubidea hizpide duten dokumentu legal gutxi gorde direnez, zenbait historialarik zalantzan jartzen dute jaunek eztei-gauean basailuak literalki bortxatzeko eskubidea ote zuten. Historiografia tradizionalaren arabera, eztei-gaueko sexu erasoak legezkoak ziren jaunentzat, baina hainbatek dio Jus Primae Noctis erritu sinbolikoa besterik ez zela.
Inork ez du zalantzan jartzen, ordea, eztei-gauean nahiz beste edozein unetan, legeak zehatz-mehatz jaso ala ez, behe estamentuetako emakumeak bortxatzea ohitura oso zabaldua zela Erdi Aroan.
Eta horren adibide da, hain zuzen, beste Lope Garcia de Salazar bat, izen bereko historialariaren birraitona, Bizkaiko Mailegari Nagusia, 1344an Algecirasko konkistan hila. Badakigu bitan ezkondu zela eta emazteekin gutxienez lau seme izan zituela. Baina, ezkontzaz kanpo, goiz hasi zen jaun izateak zekarzkion pribilegioak –legezkoak ala ohiturazkoak– erabiltzen eta sasiko ondorengoak izaten. Lehenengoa 15 urte zituela izan omen zuen, Nograroko (Araba) neska batekin. Guztira, 120 sasiko seme-alaba izan zituen
Haren birbiloba, munduaren historia jaso zuen hura, ez zen birraitonaren kopuruetara iritsi, baina 1476an Portugaleteko dorrean pozoituta hil zutenean, Mencia de Avellaneda sasiko alaba alboan zeukan. | news |
argia-33cfa084f33d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2523/eathink-proiektua.html | Ikasgeletan, jaten dugunaz pentsatzen | Garazi Zabaleta | 2016-10-02 00:00:00 | Ikasgeletan, jaten dugunaz pentsatzen
Europako hamabi herrialdek eta Afrikako bik hartzen dute parte EAThink2015 proiektuan. Izenak dioen bezala, jaten dugunaren gaineko hausnarketa egitea du oinarri, horretarako lehen eta bigarren hezkuntzako eskolentzat tresnak eskainiz. Herrialde bakoitzean GKE edo bestelako elkarteren batek kudeatzen du proiektua. Gurean, Euskal Fondoak darama, eta hiru urte iraungo ditu (2015-2017).
Ikasunitate eta tailerrak
Iaz zenbait ikastetxetan elikadura burujabetzari eta kontsumo arduratsuari lotutako hainbat ikastunitate txertatu zituzten. Irakasleak beraiek izan ziren gaia beren ikasgaietara egokitu eta lanketa egin zutenak. "Garrantzitsua da ikasleek jaten dutena nondik datorren eta beren kontsumo hautuek zein eragin eta ondorio dituzten pentsatzea", azaldu digu Amaia Elorza proiektuko arduradunak. "Adibidez, txokolateaz aritu izan gara ikasgeletan: nondik dator kakao hori? Nork ekoizten du eta zein baldintzatan?".
Aurtengo ikasturterako, Bertokoa jan, mundua buruan lelopean tailerrak antolatu dituzte. Egungo elikadura ereduak sortzen dituen interdependentzietan, janaria ekoizteko sistema jasangarrietan eta maila txikiko nekazaritzan jarriko dute arreta, berriz ere.
Ikasleak ekintzaile
Kontzientziak pizteaz harago, ikasleak gai honen ekintzaile bihurtzea bilatzen da tailerretan. "Haiek izatea beren ikaskide, auzokide edo herriko lagunei kontsumo arduratsuaren inguruan hitz egingo dietenak eta jarrerak aldatzeko ekimenak proposatuko dizkietenak", dio Elorzak.
Proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako irakasleen topaketak ere antolatu izan dituzte, batzuk eta besteek gaia ikastetxeetan nola lantzen duten elkarbanatzeko eta ideiak hartzeko. Azaroan, esaterako, Burkina Fason elkartuko dira, hango egitasmo nahiz lanketak ikustera. | news |
argia-5768fb2bdb50 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/pinar-selek.html | "Turkiako Estatuari gustatzen ez zitzaion guztia ordezkatzen dut" | Sustrai Colina | 2015-12-27 00:00:00 | "Turkiako Estatuari gustatzen ez zitzaion guztia ordezkatzen dut"
Halabeharrez bihurtu da Pinar Selek (Istanbul, 1971) injustiziaren sinbolo. 1998an atxilotu zuten soziologo, idazle eta militante feminista, ikerketa soziologiko baterako zituen kontaktu kurduak sala zitzan. Tortura saioetatik inor salatu gabe jalgirik, Istanbulen lehertutako bonba baten erantzule egin zuten, eta egun, erbestetik bizi du 17 urte dirauen auzi-bide zalapartatsua.
Ez zara edozein etxetan sortua.
Turkiako Langileen Alderdiko sortzailea nuen aitatxi, auzi politikoetako abokatua aita. Gure etxea elkarte bat bezalakoa zen, jende askok egiten zuen lo, beti zegoen norbait sukalde zabalean amantala jantzita. Zailtasunak ez ziren gutxi, baina borrokatzen ginenez zoriontsu ginen. Ttikitatik ulertarazi didate iraultza serioenak ere ez ziola irribarreari uko egin behar. Maitasuna eta alaitasuna iraultzaren parte dira. 1980ko iraileko estatu kolpeak, alta, gure etxea erabat hustu zuen. Aita espetxeratu zuten, sarekadak saihestu ahal izan zituzten lagunek ihes egin behar izan zuten. Ama eta biok geratu ginen etxean. Hala, kartzela atarian hazi naiz. Orduan, logela kolektibo amaigabeetan metatzen zituzten preso politikoak, eta bisitara joatea jende askorekin topatu eta kontzientzia politikoa elikatzea zen. Elkartasun sare sendo bat ehundu eta erresistentzian kausitu genuen zoriona. Alabaina, begi-bistakoa zen galdera: nola jarraitu borrokan irribarrea galdu gabe?
Istanbulen zaurietan antzeman zenuen erantzuna?
Oso hiri berezia da Istanbul. Genozidioen epizentroa izan da, bazterketa eta zokoratzeen testigu, borroka anitzen agertoki, baina gauzak zer diren, bere historiaren protagonista gehienak erbestera behartu ditu. Horregatik diot Istanbul ezagutzeko bere kaleetan egin behar dela lo, hiriaren baitako mugak zeharkatu, hiriak inposatzen dizkizun eskema zurrunak hautsi. Karrikan lo eginda hasten zara bere zauriak ikusten, bere orbanez jabetzean jartzen dituzu zalantzan hiria ulertzeko eman dizkizuten betaurrekoak, eta pixkanaka-pixkanaka, beste hiri batekin egiten duzu topo. Zerraldo handi bat da Istanbul, gainez egitear dagoen hilobi bat. Lehenbizi akabatu egiten zaitu, eta ondoren, turismorako probetxugarriak zaizkion zure ondasunez jabetzen da.
Kalean sarri lo egindakoa zara?
Bizitza ulertzeko ikasi nuen soziologia, ez soziologoa izateko. Erraietan galderak borborka neuzkalako neuzkan ate mentalak zabalik. Kalean bizi zirenen adiskide egin nintzen, eurekin lotara geratuz jarraitu nuen, eta Alemaniatik zein Frantziatik ezagutzen nituen squat mugimenduak Istanbulera egokitzea otu zitzaigun. Hala, burdeletan lan egiten zuten ezagunak, nonahitik baztertuak ziren transexualak eta beste kolektibo zenbait taldera bilduz, arte konpainia jarri genuen martxan, bestelako bizimodu bat sortu eta lantzeko tailerra. Ez ginen medioen begikoak, ardi beltzen artaldea zen gurea, baina inguruarekin bat egin ahala geroz eta pisu handiagoa hartuz joan ginen. Ez ginen edozein. Pentsa, kalean poltsa lapurtuz gero bi egun pasatzerako ekartzen zidaten bueltan. Estatu batek, ordea, beti jotzen du arriskutsutzat arrastoz kanpokoa, eta gu, arrastotik kanpokoak ez ezik, arrastoen aurkakoak ginen.
Horregatik atxilotu zintuzten?
Esku-burdinak jarri zizkidatenean konbentzituta nengoen tailerragatik zela, ez zitzaidan burutik pasa ere egin kurduen inguruko ikerketa-lanagatik izan zitekeenik. Gerora ohartu naiz, koadro handi bateko puntu ñimiño bat soilik nintzen arren, gustatzen ez zitzaien guztia ordezkatzen nuela eta zalaparta mediatikoa eragiteko aproposa nintzela. Kalera kondenatutako jendearen laguna, sexualitateaz arazorik gabe hitz egiten zuen feminista, kurduei buruzko ikerketa batean ari zena... Euren tabu guztiak ikusi zituzten nigan. Torturaren erruz sei hilabete behar izan nituen hatzak, eskuak eta besoak berriz normal mugitzeko, baina ez nuen nire lanean agertzen ziren kurduen izenik eman. Hala ere, espetxeratu egin ninduten, eta gazte bati Istanbulen lehertutako bonba baten erantzule nintzela esanarazi zioten, gupidarik gabe larrutu ondoren. Sekulako elkartasun mugimendua eratu zen nire inguruan, ni beste ezerk elkartzen ez dituen jende eta kolektiboek bat egin zuten, eta ohartzerako, injustiziaren sinbolo bilakarazi ninduten. Hori hala, kartzelatik ateratzean, atarian bildutako jendetzari lehen baino aktiboagoa izango nintzela egin nion promes. Gaur arte. Bitartean, 17 urte dirauen auzi arantzatsua daramat bizkarrean, erbestea ezagutu dut, nire aurkako kanpaina mediatiko iraingarriak... Baina hemen nago.
Nola egiten zaio horri psikologikoki aurre?
2009ra arte aski ongi neraman. Epaiketak irabazten ari ginen, nire izena eman zuen gazteak lehen segundotik onartu zuen ez ninduela ezagutzen eta torturapean salatu ninduela, elkartasun itzela arnasten nuen nire inguruan, baina batez ere, Istanbulen nengoen, etxean. Epaileek froga faltan libre utzi arren, fiskala eta estatua tematzen ari zirela ikusirik, ez zitzaidan erbestea beste biderik geratu. Erbestea ez da etxea uztea soilik, koordenadak galtzea da, leku ezagunean ere galduta sentitzea. Karrikan, harremantzeko orduan, albisteak analizatzerakoan, paperak eguneratzera noanean... etengabe galtzen naiz. Bizitzea ez da puntu batetik bestera joatea bakarrik, historia bat jarraitzea edo kantatzen dituzun kantuak ulertzea ere bada, eta horretarako, zure inguruko ehun sozialaren jabe izan behar duzu. Baina tira, asko daude ni baino okerrago. Ez zait zer janik falta, lagunekin dantza egin dezaket, idatzi, borrokatu.
Tunelaren amaiera ikusten duzu?
Optimista izan gabe, ez dago borrokan jarraitzerik. Estatu baten itsukeria ez bada, ez dago nire aurkako deus. Arazoa da orain genozidio armeniarrari buruzko liburu bat atera berri dudala eta agintari turkiarrentzat bekatu mortala dela hori. Armeniarrena kurduena baino are tabu handiagoa da Turkian, kurduekin bakea egin dezakete baina armeniarrekin ez. Liburuarekin sutan daudela badakit. Ni, ordea, Damoklesen ezpata gainean ez sentitzen saiatzen naiz, atxilotua izan ez banintz egingo nituzkeenak egiten. Horrek ez du esan nahi Turkiaren ikuspegi itxaropentsu bat mantentzea erraza zaidanik. Turkia ez dago Ekialde Hurbiletik aparte. Iraken eta Sirian gertatzen den orok eragin zuzena du bertan. Esaterako, Turkiak Europari errefuxiatuekin egiten dion mehatxua ankerra iruditzen zait. Zaila da zerbait negoziatu behar duen bakoitzean mugak zabalduko dituela mehatxu egiten duen estatu batengan esperantza izaten. Hala, kondenatuta nago inteligentziaren pesimismoa eta borondatearen optimismoa uztartzera. | news |
argia-c25fc374c6b3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/islandia.html | Euskal baleazaleen lorratzean | Haritz Rodriguez | 2015-12-27 00:00:00 | Euskal baleazaleen lorratzean
1615ean Islandiara balea ehizatzera joandako euskaldunak sarraskitu zituzten bertako buruzagi baten aginduz. Lau mende geroago lurralde horietan barna bidaia egin du ARGIAk. Euskal baleazaleek uharte hartan izandako presentzia garrantzitsua bertatik bertara ezagutzeaz gain, jabetu gara gertaera haiek utzitako arrastoak ez direla oraindik urtu.
Mendebaldeko Fiordoetako Museoan ez dago euskal baleazaleen historiaren inguruko arrastorik. Ísafjörður herriko itsas ondarearen erakustoki hau Neðstikaupstaður izeneko zonalde historikoan kokatuta dago. Bi neska gaztek egiten diote bisitariari harrera XVIII. mendeko eraikinean, eta hauek ere ez dirudi 1615. urtean handik oso gertu hil zituzten euskal baleazaleen berri dutenik. Halako batean, baina, elkarri so egin eta batak besteari galdetu dio: " Spánverjavígin? "
Neskatoek lotsa antzeko batez begiratu diote harrerako gizonari. 2014ko ekaina da. Ulertu dutenagatik, Euskal Herria izena duen toki batetik dator, hain zuzen ere 400 urte atzera izandako liskar baten ondorioz hil zituzten horien lurraldetik. Euskal baleazaleena islandiarrek eskolan ikasten duten gertakaria da, eta "Espainiarren hilketa" bezala ezagutzen dute. Dirudienez, iraganeko pasarte horrek nolabaiteko lotsa nazionala eragiten du, historikoki hilketa eta kriminalitate tasa oso baxua izan duen herri honetan.
1615. urteko udan 3 itsasontzi euskaldun iritsi ziren Islandiara balea ehizatzera. Orduan ez zekiten zein izango zen euren patu krudela. Pasarte hori, ordea, euskaldunek Islandiarekin izandako harreman dokumentatuetako bat besterik ez da. Euskaldunek Islandiarekin izandako lotura Mendebaldeko Fiordoetan (Vestfirðir) gauzatu zen nagusiki. Euskal baleazaleek utzitako aztarnak Snæfellsjökull sumendi glaziarretik iparraldera daude, Jules Vernek Lurraren bihotzean barneratzeko aukeratu zuen sarbidetik harago.
Jón Guðmundsson Jakintsuak 1625ean argitaratutako "Fjölmóður " poema autobiografikoaren arabera, 1613. urtean iritsi ziren Strandir izeneko eskualdera balea ehizarako prestatutako lehenenengo euskal itsasontziak. Haien ondotik, balea ehizatzeko itsasontzi ugari iritsi zen Strandir-era Euskal Herritik. Baina 1615ean Danimarkako Erregeak –uhartea bere erreinupean baitzegoen– Islandian balea ehizatzen ari ziren euskaldunen aurkako legeak onartu zituen, haiek negoziotik at uzteko asmoz. Euskaldunen eta islandiarren harreman komertzialetik ez zuen etekin handirik ateratzen erregeak antza, eta hori ez zuen gustuko, jakina. Lege horien arabera, euskaldunek bertako biztanleen egunerokoari kalte eginez gero, haiei jazartzeko baimena zuen edozein islandiarrek.
Euskaldunen hilketa
Errege daniarrak legea onartu eta gutxira, uda hasieran iritsi ziren inguru horietara Gipuzkoatik abiatutako 3 itsasontzi, Pedro Agirrekoak, Esteban Telleriakoak eta Martin Villafrankakoak gobernatuta. Izatez, 1615ekoa urte gogorra izan zen Islandian. Kostaldeko izotzak ez ziren urtu uda iritsi arte eta Mendebaldeko Fiordoetan gosea zen nagusi. Euskal baleazaleek islandiarrekin zuten akordioari esker, 10 bat bale ehizatu ahal izan zituzten.
Bertako bizilagunekiko harremanak hasieran onak izan ziren arren, dirudienez giroa apur bat gaiztotu egin zen, alde bateko zein besteko batzuen jarreragatik. Irailaren 20an, abiatzekotan zirela, bat-bateko ekaitzak kolpatu eta izotzak itsasontziak harkaitzetara bultza zituen. Hiru gizon ito ziren. Beste 82 marinelek txalupak itsasoratu eta itsasontzi handiagoen bila egin zuten arraun. Bizia salbatu zuten, momentuz.
Lurreratu zirenean, euskaldunek bertako biztanleei garrantzia gutxiko zorrak galdegin zizkieten. Aste batzuk lehenago emandako balea-koipearen truke, goseteak jotako bizilagunen ardiren bat eskuratu nahi zuten. Jón Grímsson apezak muzin egin zion euskaldunen eskaerari eta Martin Villafrankakoaren gizonek astindu egin zuten. Une horretan okertu zen betiko lehenagotik ere gaiztotutako giroa.
Ihesean Ísafjarðardjúp-era iritsi zirenean, hiru taldetan banatzea erabaki zuten euskaldunek. Pedro Agirrekoaren eta Esteban Telleriakoaren 50 marinelek negua Vatneyri-tik gertu pasa zuten. Udaberri aldera, arrantzontzi ingeles bati oldartu, bere egin eta Islandiatik ihes egitea lortu zuten azkenik. Ez dakigu Euskal Herrira iristea lortu ote zuten.
Martin Villafrankakoaren agindupekoak, bi taldetan banatuta, bestelako zoria izan zuten. Dýrafjörður-eko fiordora begira euren txalupaz boga egindako hamalau gizonak Þingeyri herrira iritsi ziren. Bidean, bizirauteko zenbait gauza lapurtu zituzten hutsik zegoen arrantzagune daniar batean. Ihesi ari zirela bertako biztanleekin talka egin eta marinel guztiak hil zituzten. Gainontzeko 18 itsasgizonak, Martin Villafrankakoa buru zutela, Æðey izeneko uhartean geratu ziren, bertan negua pasatzeko asmoarekin.
Apezarekin izandako gertakariaren ostean, ordea, Ögurreko Ari Magnússon buruzagiak euskal baleazaleen aurkako neurriak hartzeko batzarra deitu zuen, eta berrogeita hamar lagun bildu zituen euskaldunei oldartzeko. Urriaren 13ko gauean Villafrankakoaren eskifaiako hainbat marinel hil zituzten Æðey uhartean. Ihes egin ahal izan zutenak Sandeyrin atzeman zituzten, uharte txiki hartatik gertu, txabola batean babestuta.
Babesgabe zegoela, Magnússon-en gizonetako batek aizkoraz zauritu zuen kapitain donostiarra. Itsasora salto egin eta igerian ihes egiten saiatu zen, islandiarrei burla eta kantu eginez. "Itsas-txakurra edo amuarraia bailitzan" egiten omen zuen igeri. Izatez, inork gutxik jakingo baitzuen garai hartan Islandian igerian, itsaso hotz horietan ezinezkoa zelako. Harri batekin buruan jo zuten arte ez omen zen isildu Martin Villafrankakoa. Harrapatu, lehorrera eraman eta zintzurretik zilborrera zatitu zuten labanaz. Gainontzeko marinel euskaldunak ere laurdendu ostean, tripak harriz bete eta itsasora bota zituzten banan-bana, Islandian hain ohikoak diren amildegi zuribeltz horietako batetik. Jón Jakintsuak , bertsio ofiziala zalantzan jarriaz, idatzi zuen islandiarrek euskaldunekiko jokabide gupidagabea izan zutela.
Islandiako hainbat tokitan izan gara euskal baleazaleen lorratzari segika. Argazki galeria honetan iraganean barrena bidaiatzeko aukera izango duzu (argazkiak: Haritz Rodriguez)
Aztarnategiak
Strandir eskualdeak "Kostaldea" esan nahi du islandieraz eta aitzinatik izan da Islandiako Ipar-Mendebaldeko kostaldeko gune urrunenetako bat. Gaur egun, 800 lagun inguru bizi da bertan. Steingrímsfjörður fiordoan, bada Hveravík izeneko abeltegi bat. Haren oinetan dagoen Strákatangi istmoak altxor izkutu bat gorde du mendetan. Bertan dago kokatua euskal baleazaleek utzitako aztarnategi arkeologiko garrantsitsuena, Hólmavik herriaren parean, fiordoaren bestaldean.
Ragnar Edvardsson Islandiako Unibertsitateko arkeologoa da seguruenik euskaldunek Islandian utzitako lorratza gehien ikertu duen pertsona. Strákatangi-ko balea estazioa aztertu du bereziki, indusketa arkeologikoen bitartez. Ikerlariaren ustetan, jatorriz euskaldunek eraiki eta erabili bazuten ere, hainbat urtetan ehiztari nederlandarrek eta ingelesek berrerabilia izan daiteke.
Joan den udan tour gidatuak eskaini zituen Edvardsson-ek aztarnategietan barrena. Strákatangi-koan ez ezik, handik ez oso urrun dauden Kóngsey eta Strakéy uhartetan ere topatu ditu balea estazioen arrastoak. Arkeologoaren arabera, "estazioaren tamaina kontuan hartuta, misterio bat da zergatik ez ote den garaiko inolako dokumentuetan aipatzen. Isiltasuna da nagusi. Eta hori oso arraroa da kontuan izanda industria mailako operazioa izan zela euskaldunen jarduna". Beraz, ez da harritzekoa dokumentatu gabeko beste aztarnategi batzuk ere egotea inguruetan.
Baleazaleen ibilbidea
Pingeyri-n hiru ume ari dira portuan jolasten. Ekainean egunak amaigabeak dira, eta haurrek argi ordu guztiak probesten dituzte kalean egoteko. Itsas izarrak harrapatu nahian dabiltza, gorputzaren erdia moilan eta bestea ur gainean zintzilik dutela. Reykjavik-etik Ísafjörðurrera bidean dago herri txikia, hiriburutik 200 kilometro ingurura. Handik oso gertu igaro ziren hainbat euskaldun, orain 400 urte.
Strandir eskualdeak aintzinatik izan du harreman estua sorginkeriarekin, eta bertako biztanleek elizaren jazarpena jasan zuten maiz. Jón Guðmundsson berak aztikeria eta siniskerien inguruko zenbait liburu idatzi zituen, eta sorginkeria leporatuta exiliora kondenatua izan zen. Halaxe ekarri zuen gogora Islandiako Unibertsitateko historialari Einar G. Pétursson-ek, 2015eko apirilean Islandiako Liburutegi Nazionalak gertakarien IV. mendeurrena oroitarazteko hartu zuen kongresuan. Adiskidetze ekitaldi sinbolikoa ere egin zen, XVII. mendean euskaldunen aurka onartutako legea XXI. mendean bertan behera uzteko. Hain zuzen ere, Hólmavik-eko Sorginkeria eta Aztikeria Islandiarraren Museoan izan zen ekitaldia, sarraski hartako bi aldeetako protagonisten oinordekoak han zirela.
Islandian balearen ehiza oraindik baimendua dago. Zorionez, gehiago dira egun argazki kamerekin ehizatzen direnak, arpoiekin ehizatzen direnak baino. Egunero-egunero, hainbat itsasontzi ateratzen da Húsavík-eko portutik, euskaldunen ehizalekuetatik ekialdera. 70eko hamarkadan ehizarako erabiltzen ziren itsasontzi berak baliatzen dituzte gaur turistek balea ikus dezaten. Irtenaldi horietako batzuk Robert izeneko gizon batek gidatzen ditu.
Herri horretako Balearen Museoan gogorarazten denez, "euskaldunak izan ziren Islandiako uretan balea ehiza antolatua ezarri zuten lehenengo europarrak. Mendebaldeko Fiordoetan". Robertek badu euskal baleazaleen istorioaren berri, baina euskaldunen erahilketa saihesten saiatzen da. Beste behin, lotsa nazional edo antzeko hori arnasten da ontzigainean. Bisita amaitutakoan, Hörður kapitainari deitu dio, bisitan euskaldun bat izan dela kontatzeko. Donostian izandakoa da Hörður eta honek ere entzun du, noski, Martin Villafrankakoari buruz. Burua errespetu keinu gisa apur bat makurtuz, gorazarre egin nahi izan dio euskaldunen nabigatzaile famari: "Itsasgizon ausartak, gero".
Euskal baleazaleen lorratzean egindako bidaiaren azkeneko geralekua Reykjavik hiriburuan dago. Háskóli Íslands Unibertsitateko Árni Magnússon Institutuan hiru harribitxi dituzte gordeta. XVIII. mende hasieran idatzitako euskara-islandiera hiztegiak dira, euskaldunek islandiarrekin izandako harremanaren lekuko paregabeak. Hiztegi horietako batean, orrialdearen izkinan, euskaldunok bidaia honetan murgildu gaituen ugaztunaren izena dago idatzita, euskaraz eta islandieraz, betiereko omenaldi gisa: " Balia: Hvalur ". | news |
argia-d41280971406 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/salda-bero-beroa.html | Salda bero beroa | June Fern�ndez | 2015-12-27 00:00:00 | Salda bero beroa
Ez dut negua gustuko. Iragan azken hiru neguak Euskal Herritik urrun pasa nituen, bero bila, prakamotzetan. Aurten Bilbon nago, eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko asmoz, sasoi honetako plazerez gozatzen, alegia. Esku bakar batez zenbatu ditzaket: sofan manta pean egotea, kalabaza edota txanpinoi-kremak prestatzea, kalean gaztaina erreak erosi eta horiekin eskuak berotzea, eta tabernetan salda eskatzea.
Nire lagun gehienen ustez, salda edatea xelebrekeria galanta da. Pentsa: poteoan joan eta zurito, txikito edo kalitxiki bat eskatu ordez, salda ote duten galdetzen dut. Beti horrelakoa izan naiz. Alkoholdun edariak hartzen ditut, baina kantitate txikietan eta ez egunero. Botea jarri eta errondak atera baino, nire erritmora (beti motelagoa) edatea nahiago dut. Arrazakeriaren kontrako elkarte bateko kide nintzen garaian, asanblada eta gero pote bat hartzera joan ohi ginen. Denek garagardoa edo ardoa eskatzen zuten. Nik tea. Modan jarri nuen. Urte batzuk pasa eta gero taldearen erdiak ere tea eskatzen zuen. Bati amorrua ematen zion, urardotzen ari garela zioen, erdi txantxetan, baina izorratzen ziola nabaritzen zitzaion. (Aitortu behar dut: descafeinar hitza hiztegian bilatu dut. Descafeinar: urardotu . A ze hitz egokia artikulu honetan erabiltzeko!)
Kontua da askotan sumatu dudala gutxi edateak jende asko gogaitzen duela. Gizona baldin bazara, are gehiago, alkoholak funtzio garrantzitsua baitu maskulinotasunaren eraikuntzan. Parrandan freskagarri edo zuku bat eskatzea marikoikeria bezala ikusten da. Nire nebak 12 urte ditu, aurrekoan jatetxe batean helduoi txupito batzuk oparitu zizkiguten eta berak trago bakar batean edan behar genituela esan zigun. Nik azaldu nion nahiago dudala ron ona gustura dastatzea. Ez nuen konbentzitu. Dagoeneko ondo ikasi du "egiazko gizonek" tragoan edaten dutela.
Nire gizonezko lagun batek ere beti esan ohi dit, mutilen partetik kontrol galanta sumatzen duela parrandan doanean, eta bi garagardorekin edo kubata bakar batekin soberan duela esaten duenean. Baina, emakumeok kalea eta gaua gureak ere badirela defendatu dugun heinean, eredu horretara moldatu gara, maskulinotasunaren prestigioa edan baitugu. Txikitan, nire amak bi ardo kopa edan eta gero, pixka bat piripi zegoela esaten zuenean, gogoan daukat mesprezua sentitzen nuela. Ordea, familiako gizonek bezala orujoa –uxuala, alegia– edateko gogoa sentitzen nuen.
Ez dut esan nahi alkoholak gure kulturan daukan eraginak generoarekin soilik zerikusia duenik. Baina, uste dut, gehiegikeriek gizonen zein emakumeen artean duten ospe onari buruzko –mozkorrei buruz mintzatzerakoan harrotasuna edota barrea islatzen dira aurpegietan– irakurketa feminista bat egin genezakeela.
Nikaraguan, lesbianen topaketa batzuetan, auto-zaintza izan zen eztabaida gai-ardatzetako bat, eta harritu ere egin gintuen. Norberak drogekin –alkohola, kafea, medikamentuak barne– duen harremana autokritikoki aztertzea proposatu zuten. "Dependentzia ekonomikoa eta emozionala sendo gaitzetsi ditugu, baina komunera joan ahal izateko zigarro bat erre behar dugula normaltasunez esaten dugu", zioten.
Azken boladan ekonomia feministak indar handia hartu du, eta korronte horrek zaintza erdigunean jartzearen beharra adierazi du. Ez dut moralista izan nahi eta ez daukat drogen kontrako jarrera zentsorerik. Soilik interesgarria deritzot, dogma guztiak hankaz gora jartzea gustuko dugunok sozializazio eta dibertsio ereduei lotutako arautegiari ere buelta bat ematea. | news |
argia-c792b3d5e686 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/mohamed-mahmoud-assad-hagako-auzitegian-amesten-duen-siriarra.html | "Egunero bizi dugu Gernikako sarraskia Sirian" | Jenofa Berhokoirigoin | 2015-12-27 00:00:00 | "Egunero bizi dugu Gernikako sarraskia Sirian"
Mendebaldeko estatuak sekula baino gehiago Siriara so diren honetan, Assaden erregimenak egin "genozidioaz" ohartarazten dabil Mohamed Mahmoud. Estatu kolpe baten bidez iritsi zen boterera Hafez el-Assad, 1970ean, eta Bachar semeak hartu zion segida 2000n. Masakrez, errepresioz eta askatasun ukapenez josiriko urte luzeak dira. "Assad da siriarren hiltzaile nagusia, ez Daesh".
Informazio biltzen ari zara, Siriako zerbitzu sekretuek eskatu bezala. Assad erregimenaren aurkako informazioak dira ordea.
2011z geroztik, Siriako armadak eta erregimenarentzat dabiltzan mertzenarioek egin krimenak dokumentatzen nabil. Hagako Auzitegira jotzea dugu xede.
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Hagako Auzitegira joz gero, inkesta abiatuko litzateke.
Beto eskubideari esker, delibero bat blokea dezakete bost kide iraunkorrek. Estatu horien interesak mehatxaturik baldin badira, betoa ezartzen dute. Baina goiz ala berant auzitegian egon beharko du gaiak. Milioi erdi jende hil dituen erregimena dugu; milioi eta erdi gerrako elbarritu ditugu, lau edo bost milioi errefuxiatu, baita ere hamar milioi Siria barruan higiturik. Herri oso baten suntsipena dugu, Gernikako desmasia egunero dugu Sirian. Orain islamistak ere ditugu, itsuski giza eskubideak urratzen dabiltzanak. Baina, biak balantzan ezarriz gero, erregimenak ditu krimen gehiago. Ez dezagun isilean atxiki Assadek duela Daesh sustatu.
Zehaztu dezakezu azken esaldi hori?
Badira hamabost bat urte Ekialde Hurbileko mugimendu islamisten manipulatzen dabilela Siriako erregimena. 2003tik 2007-2008 arte, Siriatik pasatzen ziren Irakera sartu nahi zuten mujahidak. Siriak onartzen zituen, formatzen zituen, armatzen zituen. AEBak jakinean ziren, horregatik zen behin baino gehiagotan Siriako erregimenarekin bildu eta horregatik zien Siriako bi kanpamenturi eraso 2007an. Egunetik biharamunera hori guztia gelditu zen, bien arteko adostasunaren ondorioz. Islamistak mugan atxilotu eta Sednaya deitu kartzelan sartzen zituen Siriak.
2011n Assadek askatu zituenak.
Bai, iraultza hasi eta hiru hilabetera. Horiek dira gaur egun talde islamisten buru. Erregimenak bazekien oso ondo zer egiten ari zen. Oinarrizko printzipioetarik hustu nahi zuen iraultza. Manipulazio politikoari doakionez, ez da munduan Siriakoa baino abilagoa den erregimenik.
2011n hasi herri mugimendua arras desjabeturik dago lau urte geroago.
Duintasun ezan eta beldurrean bizitzea onartzen ez zutenek osatu herri mugimendua genuen hasieran. Plurala zen, eta ez zen islamistarik artean. Mugimendu baketsuari errepresioz erantzun zion gobernuak. Armadak polizia sekretuaren esku uzten zituen atxilotuak, torturatu eta egun batzuetara hilotz itzultzen zizkiguten. Tortura eta bortxaketa eszenak filmatu eta hedatu zituen erregimenak, bortizkeriarantz bultzatzeko herritarrak. Mugimenduaren armatzea txalotu zuen Assadek, arlo horretan ereduzkoa delako. Assadek aliatuei dei egin zien, hots, Libanoko Hezbollahri eta irandarrei. Beste aldetik, iraultzaren militarizazioa lagundu zuten Turkiak, Saudi Arabiak eta Qatarrek. Herri oso batek diktadura bat garaitzen ez dute ikusi nahi. Guztia egin zuten iraultza usteltzeko. Bere buztana atzeman nahian itzulika dabilen txakurraren gisa ikusi nahi dute iraultza.
Errusia eta AEBak ere hor dira.
Gatazka honetako bi protagonistak manu militari laguntzen dabiltza. Batetik, erregimena bera eta bestetik, amerikarrek oposizio moderatua deitzen dutena. Baina frogak ditugu erraiteko AEBek armak banatu dituztela Daeshi ere. Guztiak dabiltza haien interesen alde, zuzenki ala zeharka.
Anartean, Daesh indartsu dabil.
Daeshen aitzinamenduak ikusten direnean, ezin sinetsia da erraitea inork ez dakiela ezer talde horretaz. Nori saltzen dio bere eremuetako petrolioa? Petrolio hori Europara iristeko bidea zeinek errazten die? Urte batez 20.000 borrokalari berri sartu dira Daeshen lerroetan. Zeinek hartzen ditu Daesheko borrokalariak? Zeinek finantzatzen ditu? Turkiak, Jordaniak eta Irakek! Pasatzen uzten dituzte, garaian Siriak Irakentzat egiten zuen gisara. Daeshek inoiz ez dio erregimenari zuzenki eraso; Siriako Armada Libreak erdietsi lurrak ditu menderatzen. Mehatxu gisa erabiltzen du Daesh erregimenak, "ni ala buru moztaile horiek" logikan.
Parisko atentatuez geroztik, Daeshen aurkako gerla deklaraturik da.
Assaden erregimena azkartzen du Daeshen aurkako tiro bakoitzak. Assad da siriarren hiltzaile nagusia, ez Daesh.
Burdin elea du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak, dioenean islamisten aurkako borrokan dabiltzala Saudi Arabia eta Qatar.
Denok dakigu Saudi Arabia, Iran, Turkia eta Israel talde terrorista horien laguntzen dabiltzala, zuzenki ala zeharka. Askatasunaren eta justiziaren printzipioak urratzen dabiltzala ere badakigu. Hala eta guztiz ere, Mendebaldeko herriek ez dituzte harremanak moztuko haiekin. Zergatik? Billete berdea delako nagusi.
Nazioartearen esku-sartzearen kontra zara.
Erabat. Errusiarren, amerikarren, turkiarren eta abarren interesak ez dira siriarrenak. Bost axola dute siriarren biziaz.
22 milioi biztanleetarik bost milioi joanik, 2011z geroz. Herri bat husten ari da.
Oposizioan egon daitezkeenak herritik joatea erregimenaren interesetan da. Gazteria lekuak husten ikusteak min egiten du, baina egoera ulertu behar da: heriotzari ihesi doaz. Alemanian egindako inkesta baten arabera, emigrante horien %75 Siriara bueltatuko da, bakea itzuliz gero. Bizia ederra da berez Sirian, herri ederra da. | news |
argia-5c90f93a5332 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/belaunaldi-espontaneoak-harresia-ezagutzen-du-ez-jassir-arafat.html | Belaunaldi espontaneoak harresia ezagutzen du, ez Jassir Arafat | Pello Zubiria Kamino | 2015-12-27 00:00:00 | Belaunaldi espontaneoak harresia ezagutzen du, ez Jassir Arafat
Inork uste ote zuen Jerusalemen eta Zisjordanian txiki-txikitatik zanpaketa eta bazterketa baizik jasaten ez duten gazte palestinarrek isilik segitu behar zutela eternitatez? 2015eko udazkenean belaunaldi berri bat matxinatu da okupazioaren kontra eta ustez Palestinakoa ondo ezagutzen duten aditu asko harrituta daude.
Labanen Intifada, otso bakarti palestinarren erasoak... horrelako titulu deigarriz bataiatu da 2015eko udazkenean Israel-Palestinan sututako gudaldi berria.
Urriaren 1ean Henkin senar-emazte kolono juduak hil zituzten tiroz Beit Furik herri inguruan eta hilaren bukaerarako armada israeldarrak 68 palestinar garbituak zituen. Irailaren 13tik abenduaren erdia bitarteko kontabilitatean, israeldarrak dira 21 hildako eta 252 zauritu, palestinarrak 122 hil, 3.000 zauritu eta 2.400 atxilotu.
Palestinar gazteek eragin duten sute berriak harritu ditu ustez hangoa ondo ezagutzen duten asko. Ezin da laburbildu hirugarren Intifada bat dela esate hutsez, gertakizun isolatuen multzo bat baino askoz gehiago dirudi, gazteen matxinada baten itxura dauka...
Fenomenoa Julien Salingue irakasle frantsesak aztertu du " Génération spontanée en Palestine " artikuluan. Aurten bertan " La Palestine des ONG " eta iaz " La Palestine d'Oslo " plazaratua da Salingue, Paris 8 unibertsitatean zientzia politikoak irakasten dituena.
"Inork uste ote zuen –galdetuz hasi da Salingue The Conversation en argitaratu artikulua– Jerusalemen eta Zisjordanian txiki-txikitatik zanpaketa eta bazterketa baizik jasaten ez duten gazte palestinarrek isilik segitu behar zutela eternitatez?". Jassir Arafat hil eta 11 urtera, belaunaldi berri bat matxinatu da okupazioaren kontra, liderrik ezagutzen ez duten eta ezein alderditakoak sentitzen ez diren gaztena.
Espultsioaren belaunaldiak , 1948 inguruan sortuak, 1960ko hamarkadan Al Fatah mugimendua sortu eta borroka armatuari ekin zion. 1967ko okupazioaren belaunaldia izan zen 1987ko Intifadaren protagonista. Orain kaleetara berriro borroka eraman duena harresiaren belaunaldia da, Salinguerentzako.
Israel 2000. urtean hasi zen juduen agindupeko lurrak palestinarretatik bereizten dituen harresi handia eraikitzen eta 2012rako aurreikusitako lerroaren %62 osatuta zeukan, 440 kilometro. Ezagutza daukatenetik bizimodu osoa murru horrek baldintzaturik ezagutu duten gazteen belaunaldi berriak orain adierazten ditu bere haserre eta ezinegona.
Baina, hau ere berria da, kolono juduei labankadaz edo kotxez erasotzen dieten eta Israelgo armadaren aurrean manifestatzen diren gazteek ez diote inongo liderri obeditzen: "Oraindik ez ditugu ezagutzen matxino gazteon liderrak: karriketan ari dira edo preso daude. Gazteok ez dituzte ezagutu OLP eta Arafat, eta haietako askok ez dakite nor den Marwan Barghouthi, ez bada preso palestinar bat gainerako 6.000ak baino zertxobait famatuagoa".
Ez espero, beraz, horiek kasu handirik egitea lasaitzeko eskariei. Hamasek berak ere ez ditu kontrolatzen, Salingueren ustean. Mugimendu palestinarrak, nahiz bestelako itxurak egin, gehiago dabiltza gazteon ekintzei egokitu nahian horien atzetik hariak mugitzen baino.
Matxino gazteon espontaneotasuna bera da Palestinako mugimendu nazionalak 2000. urtetik daukan lidergo krisiaren adierazgarri.
Zer galdurik ez, ezeren beldur ez
Kontua da Palestinaren nazio nortasuna defenditzen duten indar nagusiek, izan ezkerra, Hamas, Jihad Islamikoa edo Fatah, ezin dietela itxaropenik piztu gazteoi: "Osloko softwarear en gatibu –dio Salinguek– eta koadro zaharkituek kontrolatuta, mugimenduok aldenduta daude gazteongandik, eta hauek beren ustezko liderren alderantziz ez daukate zer galdurik".
Osloko bake ituna lehendik aztertua du Salinguek. Harentzako 1993ko irailean izen horrekin Jassir Arafat eta Isaak Rabinek Washingtonen sinatutako bideak porrot egin izana ez da istripu kontua izan, Osloko itunaren letran bezala ariman ere itsatsita zegoen. Itunak ez zituen eten aurreko hamarkadetan palestinarren lurraldeetan ezarritako dinamikak, alderantziz, Israelen okupazio planei berregokitzeko aukera eman zien.
Horregatik, Osloren aurretik eta ondoren hamarkada luzeotako okupazioak agintari eta mugimendu palestinarren artean ere egokitze logikak indartu ditu, autonomia mugatuzko erakundeekin eskuratutako baliabideak helburu bihurtuz, Israeldarren indarrari aurre egiteko tresna izateko ordez: "Luzaz 'okupazioa arren' jardutearen poderioz, 'okupazioarekin batera' egiten bukatzen da, nahiz eta gero karrikara begira aldarrikapenez betetako hizkera erakutsi".
Palestinarren artean, ondorioz, askok sentitzen dute ez zaiela komeni tentsioa berriro handitzea, baldin eta ez bada kontrolatzeko modukoa eta okupatzailearekin zerbaiten truke negoziatzekoa. Okupazioaren luzatzeak eta gatazkaren konponketarako itxaropen oro desagertu izanak instituzio palestinarretan dinamika kontserbadoreak sorrarazi ditu, baita askapen mugimenduetan ere.
Palestinako mugimendu eta buruzagi nagusiak defentsiban ikusten ditu Salinguek. Osloko itunean palestinarrek kudeatu behar dituztela aurreikusitako gune autonomoen kontrola bera bihurtu da helburu, nahiz eta bere garaian uste zen Palestina Estatu bihurtzeko etapa izan behar zutela. Aldiz, kontrol horrek irrika handiak sortzen ditu gaur, herritarren artean oinarria zabaltzea baimentzen duelako, administrazioaren inguruan sortzen diren lanpostuekin.
Osloko prozesua hilda dagoen arren, hartatik sortutako egiturek abantailak eskaintzen dizkiete Palestinako elite politiko eta burokratikoei, bai materialak (nazioarteko laguntzak, soldatak...) eta bai sinbolikoak (nazioarteko harremanak). Horregatik dira eliteok hain uzkur maila handiko gatazken aurrean.
"Matxinatzen ari diren gazte palestinarrok ez dute deus galtzekorik, ez badira beren kateak", dio Julien Salinguek. Gehienek ez dute lanbiderik, elikatu beharreko familiarik edo inolako karrerarik egiteko itxaropenik. Palestinatik udazken honetan kronikak igorri dituzten kazetari askok nabarmendu dute gauza bera liskarretan dabiltzan gazteei dagokienez: zer galdurik ez dute, ezeren itxaropenik ere ez.
Horregatik uste du Salinguek harresiaren belaunaldiak ez diela kasurik egingo berak "bake prozesuaren industria" deitzen duen jardueratik bizi diren liderrei, azken urteotako porrotetatik irakaspenak atera eta belaunaldi berriei lekukoa pasatzeko gaitasunik erakutsi ez dutenei. Palestinarren arteko krisi sakona bideratzen hasteko lehenbizi bake prozesuaren heriotza zertifikatu beharko dela, Estatu batera negoziaketa bidez iristeko oinarri materialak aspaldi desagertu zirela. | news |
argia-cde5ce35d8d1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/kutxabang.html | Kutxabang | Edu Zelaieta Anta | 2015-12-27 00:00:00 | Kutxabang
Soinu egin du sakelakoak. SMS bat jaso berri du Albertok. WhatsAppa bolo-bolo dabilen garaian, gero eta bakanago bihurtu da SMSak bidaltzea. Jasotzea. Ongi daki hori telefono zaharrarekin baitabil bera oraindik, eta, zorioneko aplikazioa ez duenez, egunak (eta asteak) egiten ahal ditu mezurik hartu gabe.
Gaur, ordea, soinu egin du: "Kutxabank publi: zure Gabonetako erosketak Kutxabank maileguekin. Eska ezazu zure bulegoan". Zur eta lur gelditu da. Are, gur eta mur. Eguberrietan egin "behar" diren erosketak egiteko zerbitzu bikaina eskaini nahi bide du EAEko kutxa nagusiak: (aski) sosik ez duenari zorretan egoteko bide ziurra eman, nonbait.
Albertoren iritziko, erakundearen izenaren bigarren zatia gailendua zaio lehenari: kutxa izatetik zetorren, baina gero eta bank agoa dugu. Telefonoan jasotako mezuak ildo –barkatu termino anakronikoa– kapitalista berresten du. Badago makurragorik, hala ere, zeren eta Kataluniako Centre Delás elkarteak egindako ikerketaren arabera, Kutxabang armagintzan parte hartzen duten finantza-erakundeetako bat da.
Bere lekuan utzi du Albertok sakelakoa. Bolbora usain ulertezin bat gelditu zaio esku artean. | news |
argia-374c500e23c5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/hupa-eta-azaparana.html | Hupa eta azaparana | Jakoba Errekondo | 2015-12-27 00:00:00 | Hupa eta azaparana
Altxagutxi baserriko Bedita Yon Larrakoetxea Agirrezabala zeanuriarrak 1930 aldera idatzi omen zuen Landara landuben gatxak edonok aituteko eraz . Felix Garcia Peñak idatzitako Patología vegetal liburutzarraren itzulpena omen zen. Omen eta omen diot, itxuraz, Espainiako gerra zibilaren garaian, Bedita fraide euskaltzaleak hanka egin behar izan zuenean galdu baitzen itzulpen lan mardul hori. Zer ez nuke emango oraintxe itzulpen horren eskuizkribua esku artean izateagatik? Gaitz eta izurrite, edozeinek ulertzeko eran azalduta... Zein hitz erabiliko ote zuen "zurina" esateko? Eta "herdoila" nola azalduko ote zuen? Euskaldunontzat ikaragarrizko onura lekarke altxor horrek, egunen batean azalduko balitz.
Beditarekin fidatzen naiz, sortzaile askok ez bezala bere zalantzak azaltzeko inolako lotsarik ez baitzuen. Adibidez, Shakespeareren The Tempest antzezlana euskarara Ekatxa izenez ekarri zuenean, honela esan zuen: " Azaparan dalakoa azi-zorro bellegidun landarea yatzu. Azi-zorrook, igartuta, gure yakiai margoa ta agokerea emoteko erabilten dabe sukaldariak. Euzkerazko izenik ba'dau, nik eztot ezagun ". Fraide baten aitortza ederra: " Eztot ezagun ".
Euskaraz makina bat izen aitortzen zaio azaparanari, Crocus sativus . Hala nola azapran, azaprae, azafran, azafrai, azafrain eta safran. Jose Maria de Lakoizketak bere lan ospetsuan dioenez ( Diccionario de los nombres euskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares, castellanos y franceses y científicos latinos ), 1888an argitaratua, horiek denak assfar landarearen izen arabiarretik datoz. Haiek ekarri baitzuten azaparana Asia aldetik gure inguruko paisaia lehorretara.
1959an Beditak Ekatxa argitaratu zuenerako, ordea, Jokin Zaitegi Plazaolak argitaratua zuen Mexikon, 1946an, Goldaketan poema liburuarekin batera Sopokel'en antzerkiak itzulpen lana. Lan horretan, azaparana esateko, "hupa" erabiltzen du, "... urre dirdiradun hupa", Orotariko Euskal Hiztegian " el azafrán de resplandores de oro " gazteleratua. Eta zalantza asko datorkit: nondik dator "hupa" hitza? Ez zuten elkarren lanaren berri? Sekten arteko ezinikusia ote zen Bedita karmeldarraren eta Jokin jesulagunaren artean? | news |
argia-ae69c2bc3930 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/maika-etxekopar-artista.html | "Antzerkia lurralde antolaketa politika bat izan daiteke" | Sustrai Colina | 2015-12-27 00:00:00 | "Antzerkia lurralde antolaketa politika bat izan daiteke"
Aitaren semeak, amaren alabak, amaren semeak, aitaren alabak... Etiketa, sailkapen, topiko eta estereotipoz josita dago mundua. Zoritxarrez. Horregatik, izan eta izaten utzi, bizi eta biziarazi.
Ez gara denak etxe berean sortzen, ez zuhaitz berean heltzen.
Kantu, dantza eta sorkuntzarako gustua jaso ditut nik. Transmititutako materialarekiko oso harreman aske eta jostaria. "Tori kantuak, tori dantzak, eta egizu nahi duzuna, josta zaitez!". Horregatik, bizian, hurbilago sentitzen naiz jostatzeko gustua duen jendearengandik, ene ber materialarekin sortu eta hazi den anitzengandik baino. Ez naiz material hori besterik gabe kontserbatzeko eta salbatzeko logikan, ez zait burutik pasatzen ezin dela deus kanbiatu. Tradizioa galtzeko beldurrak kakinarazten nau. Izan ere, aise da inspiratuak ez garelako beti ber gauza egin eta deus ez dela kanbiatu behar erranez justifikatzea. Sortzen ari zarenean ez duzu galtzeko beldurrik, hatsarreko material horrekiko maitasunez duzu sortzen. Tradizioa ederra da, pistak ematen ditu, formak, baina ez badugu kanbiatzen izan dadila ez dugulako kanbiatu nahi, ez ez delako kanbiatu behar.
Parisko bost urteko egonaldiak kanbiatu zaitu?
Paris munduen kontzentrazioa da, kultura anitzen nahasketa. Egia da galdurik sentitzen ahal zarela, baina hori nuen xerkatzen, emanik izan zitzaidan guzti hortaz askatzea. Kultura ezberdinetako jende anitzen artean bat gehiago nintzen, eta ondorioz, zer nintzen galdetzen nion ene buruari. Ordura arte baino anitzez gehiago esplikatu behar izan nuen euskaldun izatea zer den, folklorismo bukoliko eta terrorismoaren koktel hori baino askoz konplikatuagoa eta sakonagoa zela, eta esplikatu behar izateak distantzia eman zidan. Halaber, hemen ez nintzela Parisen baino gehiago aspertzen ohartu nintzen. Zenbaitetan, Xiberoan gauza anitz iragaiten zirela sentitzen nuen, horiekiko lotura azkarra nuela, eta beste zenbaitetan ez zela deus gertatzen baina horrek ere on egiten zuela. Parisen konturatu naiz zenbat gauza gertatzen den hemen. Han ohartu naiz hemen bezainbat bizi atzematen ahal nuen gune bat xerkatzen nuelako hartu nuela lur Parisen. Alabaina, beti izan dut argi ez nuela han bizi nahi. Uros nintzen denbora baliatzen nuelako Parisez gozatzeko, deskubritzeko, hirian galtzeko, baina jendea lan erritmo pisu batean alienatua ikusten nuenean... Sentimenduz eta bizi kalitatez, zerbait egitekotan hemen da ene lekua.
Zer da artistak egin behar duena?
Jendeak maite duena ez, jendeak maitatu dezakeena proposatzen duela entzun berri diot Pierre Chancel artistari irratian. Zer forma eman intimoki maite duzula segur zaren horri publikoarengana heltzeko? Eni, publikoak espero duena ez, publikoak espero duenarekin lotura duen, baina beste forma edo ikuspuntu bat irekitzen duena eskaintzea gustatzen zait. Amaren Alabak-ekin egiten genuen eta antzerkian ber gauza. Adibidez, usu Iparraldean jendea irri egitera joaten da antzerkira, eta eszenan iragaiten dena irrigarria ez izanik ere, jendeak irri egiten du. Horregatik ene beste bi lagunekin gure obra prestatzen hasten garelarik, publikoari negar egiteko parada ere eskaini behar zaiola aipatzen diet, ez min egiteko, korapiloak askatzeko baizik. Publikoa harritzea eta xarmatzea da artistaren lana, espero ez duena eta gustatzen ahal zaiona proposatzea.
Muntatu duzuen Ederlezi pastoralak bezala?
Ederlezi edo Joxemiel Bidador pastoralekin "zinezko pastoral bat dea?" galdetzen du jendeak, eta ni ontsa futitzen naiz koadroaz, etiketaz, eta debate hortaz. Mendez mende heldu zaigun istorioak kontatzeko molde hori bakoitzak bere gisara deklinatu ahal izatea interesatzen zait. Pastoralak badu gibelera pusatzen nauen alde geldi, geldo, pisu, mugigaitza, baina aldi berean, izugarri maite dut funtsean duena. Horregatik zait eder funts hori bakoitzak bere maneran interpretatzea. Ederlezin konprenitu dut biziki formala zela pastorala, aktoreek ez dutela hitzetan sartzeko beharrik. Kantari ona bazara eta ibiltzen presentzia baduzu, berdin-berdin muntatzen ahal duzu Hitler, Xalbador edo Monzon goraipatzen duen pastorala. Antzerkian ezin duzu erreplika eman muinean sartu gabe, pastoralean bai. Erraten duzunarekin ados zaren ala ez pentsatu gabe egiten ahal duzu zerbait biziki ederra. Ederlezi n, emanaldi egunean konprenitu genuen erraten genuena. Publikoaren erreakzioari esker ohartu gara historia ofizialarekiko istorio aski subertsiboa ari ginela kontatzen.
Subertsiboa da euskara aspaldiko kinka larrienean denean sortzea pastoralen loraldi hau?
Gauza ederrak, dekoraziozkoak, dira kultura baten azken arrastoak. Pastoralak badu, etxeen euskarazko izenekin eta lehengo tresnen marrazkiekin batera, hemengo dekorazio handiena bilakatzeko arriskua. Ikusiko. Oraingoz pastoralak funtzio sozial oso azkarra du. Azal hori mantendu nahia behar genuke baliatu. Herri batek pastorala beregain hartzeak kanbiatzen ahal du herria, kanbiatzen ahal du herriko jendea, maskarada muntatzeko gogoa eman dezake, eta forma horren emateko harrotasunak euskara ikastera bultzatu. Euskararen mundurako sartze posiblea da kultura. Pastorala edo maskarada emateko beti beharko da euskara. Batere euskaldunik bilduko ez denean ez da gehiago pastoralik izanen. Horrek atxikitzen du ontzi handi bat, ez dena batere betea, baina arrabetetzen ahal dena. Ontziaren maitasunak piztu dezake betetzen hasteko gogoa.
Jendartean hiru ontzi ezberdin dira musika, kantua eta antzerkia. Zuk denak dituzu ontzi berean.
Hemengo arte munduan, pastoraletik eta maskaradatik hasita, lotura estua dute hiruek. Antzerkian baliatzen ditut kanturako ditudan armak baina ber denboran antzerkian kantuarekin landutakoetatik askatzen ikasi behar dut. Zuberotarrak kantan estatikoak gara, duinak oso, eta antzerkian gorputza libratu behar da. Kantuak ez dit bortxaz antzerkiko lana aisatzen. Pentsa, kantuan ariz ez dut nehoiz bozik urratu, antzerkian bai. Eszenan naturaltasun aire batekin mugitzeko oso teknika artifizialak erabiltzen dira. Ez du deus ikustekorik eguneroko bizian dugun mintzatzeko edo mugitzeko moldearekin. Aktore batek bere baitako konplexutasun guztia behar du eskuragarri, bere irudimena jalgiarazteko gaitasuna izan, barne-zentsura anitzak laxatzen jakin, beti ontsa eta eder agertzeko nahiaren gainetik egon... Bizi oso bateko lana da.
Eta, Etxekoak -en bezala, lana zure biziari buruzkoa denean?
Errealitatearen eta fikzioaren arteko tartea ttikia denean ez da erraza, baina fikzionatzea bera lehen urrats bat da distantzia hartu eta barnean duzunarekin nola jostatzen ahal zaren ikasteko. Nire pertsonaiak nik bezala beste herrialde bateko bikotekidea du, baina nik antzezteko baliatzen ditudanak oro gure baitan ditugunak dira. Maitasuna, injustiziaren aitzinean oldartzea... hortik edaten dut nire istorio pertsonaletik baino gehiago. Beste bi lagunekin muntatutako antzerkian, aldiz, emazte izateari buruz gogoetatu dugu, lehengoen askatasunik eza eta egungoen ustezko askatasuna konparatuz. Gure barne-barneko korapiloa zen eta emazte ezberdinen istorioen ilkitzea aitzina jotzeko modu bat izan da. Nik ezin dut emaztearen gaia puntualki landu. Enea betidanik eta betirako da. Barne-barnetik hunkitzen nautelako heltzen diet emazteok ditugun eskapurik gabeko galderei. Ene lagunaren familia bisitatzera Aljeriara joan eta hango emazteak ikusten ditudanean, kontent naiz sortu naizen lekuan sorturik, baina hala ere, ber galderak ditugu. Horiek jorratu nahi ditut, horiek partekatu, biziaren funtsezko problemak, biziaren parte direnak eta bizia interesgarri egiten dutenak.
Euskal antzerki nazionala egiteak ere bihurtzen du bizia interesgarri?
Uhinaren gainean sartu naiz, baina izugarri kontent naiz horren bultzatzaileak hurbiletik lanean ikusirik. Gaur da eguna haiek pausatzen dituzten galderak pausatzera heltzen naizena. Orain arte ez nintzen batere kezka horietan. Amaren Alabak-ekin Euskal Herriaren itzulia egin dugu elkarte munduaren bidez, ez profesionalki. Ez nuen erakunde eta antolakundeen beharrik ikusten, enetako hori zen modeloa. Orain ari naiz ohartzen antzerki lanak denbora galdegiten duela, sosa behar dela, eta batez ere, jendartean gauzak aitzinarazteko funtzio artistikoa dela motorra. Izugarri ederra zait Euskal Herri osoan obra bera emanez jendearengana heltzea, Zuberoan eta Araban mami bera partekatzea. Lurralde antolaketa politika bat izan daiteke antzerkia, Herri bat sortu dezake, ez Herri instituzional bat baina bai irudi, hausnarketa eta erreferentzia berak dituen multzo kohesionatua. Herriz herrikoa zena Euskal Herriaren heinean da orain. Hori da Zuberoan behar duguna. Hemen jendeak bere herriarekiko atxikimendu biziki azkarra du, anitzek ez dute herriaz haraindiko antolamenduen beharrik ikusten. Hola mintzo direnak, alta, ez dira ohartzen lehen mila biztanleko herria zena ehunekoa dela egun, lehen 500 euskalduneko herriak bost baizik ez dituela orain, 50 etxalde zituenari bakarra gelditzen zaiola... Hemengo gazteek herriarekiko lotura sakona dute, baina zenbat dira herri bakoitzean? Gaur egun, ene herria ez da ez Gotaine ez Atharratze, gutxienez Xiberoa da, eta ari naiz ikasten Euskal Herri osoa izan daitekeela, partekatzeak gaituela herri egiten.
Partekatu nahia zen Amaren Alabak?
Amaren Alabak-en sentitutako plazer, xantza eta libertate handiak anitz handiarazi gaitu. Euskal Herri osoan ibili gara, jendearekin bestan, gomit, sekula kantaldi baten atzemateko eri ttipia altxatu gabe. Sei lagun ginen, gazte-gazteak, kurritzeko denboraz eta egarriz, aitamek "zoazte kantatzera!" erraten ziguten... Zer gehiago behar genuen? Ez dut sekula lan bat bezala bizi izan, "has gaitezen jostatzen!" pentsatzen nuen beti. Aldi berean, etiketa bat genuela sentitzen nuen, "neskak Zuberoan kantan hasten...", baina zer nahi duzu, neskak izanik ez genuen gizon koroa egiten ahal! Gainera, guretzat ez zen gaitz berritzea. Nola eman forma bisuala ingurutik emana zitzaigun kantu eta material andanari? Nola hedatu ondare hori? Galdera horiekin urratu dugu bidea, formak berrituz eta mamian barnago joanez anitzez gehiago partekatzen zela konbentziturik.
"Xiberoan ere fandango" , beraz?
Nik badut kurritu beharra, baina Xiberoara sartzean gehien maite dudana oinak lurrean pausatzea da, eta ez gudroinean edo betoiaren gainean. Adibidez, laborantzarekiko miresmen bat dut, fantasia bat, funtsezkoa iruditzen zait. Ene idealean, lehenik oinarrizko beharrei arrapostua eman behar zaie eta hortik landako oro bonus bat baizik ez da. Ez dakit bizi daitekeen elikatzearen funtzio horretatik kanpo, besteei betearaziz eta sosarekin erosiz. Parisen obsesio bat zen hori enetako, han ez da lurrik, ez da belarrik, dena gudroina, dena betoia. Paristik sartzean ohartu nintzen nik maite ditudan gauza ederrenak bizimodu horretatik sortuak direla. Kantatzeko beharrak, artzainen basa aireek... hemen present diren baratzearekin, kabalekin, sasoian sasoiko bizi erritmoarekin dute lotura. Ni beti ari naiz kurritzen, ez naiz sekula etxean, ez naiz kabalarik ukaiteko gai, baina kostatzen zait hori onartzea. Orain hasi naiz onartzen egiten dudanak ere balio duela, baduela funtzio bat. Horregatik, ene bizia desbideratzen dudanean ez da lanbide finko eta egonkorra ukaiteko. Hori oso behar berria da. Nahiago dut ene bidea lurrarekiko eta biziarekiko lotura azkartzeko desbideratu. | news |
argia-042269d261a0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/hauteskunde-promesak-bete.html | Hauteskunde promesak bete | Juan Mari Arregi | 2015-12-27 00:00:00 | Hauteskunde promesak bete
Hauteskunde gaua igarota, orain eduki sozio-ekonomikoez hain kargatuta egon diren promesak betetzeko ordua da. Eskuinetik ezkerrera, alderdi guztiek agindu dituzte neurriak desoreka sozialaren, pobreziaren, langabeziaren, prekarietatearen eta murrizketa sozialen kontra; eta soldata nahiz pentsio duinen, gutxieneko soldata baten eta prestazio sozial altuagoen alde, baita migratzaileak hartu eta integratzearen alde ere. Hemendik aurrera horiek bete ditzatela exigitu behar diegu gobernu eta erakundeetan agintean daudenei.
Errealitateak esaten digu krisitzar honekin aberatsenek etekinak lortu dituztela. IBEX-35ean kotizatzen duten enpresek 30.000 milioi euroko irabaziak izan dituzte urtarrila eta iraila artean, aurreko urtean baino %14 gehiago. Bitartean, desberdintasun soziala Euskal Herrian hedatu da, eta beste behin langabeziak (200.000 lagun), pobreziak (140.000 pertsona) eta prekarietateak emakume aurpegia ditu. Emakumeen artean enplegua handitu bada ere, kaskarragoa eta behin-behinekoagoa da. Emakumeek gizonek baino %52 gehiago egiten dute lan, baina %24 gutxiago irabazten dute. Pentsioak izoztuta daude eta hamar pentsionistatik zazpik (665.000 guztira) hileko mila euro baino gutxiago kobratzen dute. Egungo gutxieneko soldatarekin (648,6 euro), berriz, ezin da inor bizi.
Ia inork ez du esan nola finantzatuko dituen bere hautes-promesak. Oso gutxi entzun dugu bankuei, multinazionalei eta enpresa edo fortuna handiei zergak jartzeaz, edo ustelkeriaren eta iruzur fiskalaren kontrako neurriak hartzeaz, edo Monarkiari eta militarrei gastuak murrizteaz. Frustrazio berrien aurrean prest egon behar al dugu? Denborak esango digu. | news |
argia-bf02f51cc0af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/jokin-larranaga-arabako-foru-aldundiaren-euskara-zerbitzuburua.html | "Arabako herritarrak euskara gose dira, eta zerbitzuak euskaraz nahi dituzte" | Miel Anjel Elustondo | 2015-12-27 00:00:00 | "Arabako herritarrak euskara gose dira, eta zerbitzuak euskaraz nahi dituzte"
Arabako gizarteak ondoko lurraldeek ez bezalako erritmoa daramala dio Jokin Larrañagak. "Goranzkoa eta etenik gabekoa, itxaropenez betea, aukera duenean euskara erabiltzen duena, gainera. Neurketak emango digun %3 edo %5 horri begira egon beharrean, hobe genuke euskaraz hitz egingo den esparru (berri)ak sortzea". Asmo horixe buruan ari da lanean.
Zein dira zure gidaritzapeko Euskara Zerbitzuaren lehentasunak?
Hasteko, esan behar da 40 urtetik beherakoen artean dugula Arabarik euskaldunena, eta ondorioz, euskara ikasi duten arabar horiei euskaraz bizitzeko aukerak sortzea eta eskaintzea zor diegu. Horretarako, hurrengo bi urteetan aisialdian eta kirolean eragin nahi dugu bereziki, euskaraz dakien horri aukerak emanez euskaraz egin dezan. Begiraleak eta entrenatzaileak formatu beharko ditugu, aliatu bihurtu, denon ahalegina izan dadin, dakienak euskaraz egin dezan; talde baten ardura daramanak, batik bat. Eskolako orduak ez dira nahikoa euskaraz bizitzeko, gela barruko orduak %14ra ez dira iristen. Gure haurrek eta gazteek zertan ematen duten denbora pentsatu behar dugu, eta horretan eragin.
Denbora hori euskaraz bizi dezaten, 2015ean bi gida sortu ditugu, eta 2016an banaketarekin jarraitu nahi dugu, talde antolatu bat dagoen leku guztietara iritsi nahi dugu, dela jantokian, udalekuetan, eskola kirolean, kulturan, jarduera fisikoan, helduen kirolean.
Familia giroan ere eragin nahiko zenukete zuek.
Lehentasuna dugu hori ere. Arabar Errioxan eta Gasteizen izan diren ikastoletan eta euskaltegietan euskara ikasitako arabarrak familia berriak sortzeko adinean daude eta batzuk ezagutzen ditugu. Nekez egingo dugu aurrera lupa gai honetan jarri gabe, klabea da gizatalde hau kontuan hartzea eta euskararen transmisioa modu eraginkorrean ematen ari den ikustea, bestela delako generazio galdu hori izateko arriskua daukagu. Bigarren Plan Estrategikoa amaitu arte jaio berriei Osakidetzarekin batera Ku Ku liburuxka banatzen hasi gara eta datuak jasotzeko aukera izango dugu. Inkesta ere egin dugu lurraldean eta datuen zain gaude horren gainean hausnarketa egiteko. Seguru aski, Arabako euskara zerbitzuon kezka eta jomuga izango da datozen urteetan.
Araban badira bertako euskaldunak biltzeko zenbait ekimen, Diputazioaren laguntza dutenak. Zuen lehentasunen artean dira hedabideak?
Gure zerbitzua sortu zenean, 2008an, Berria eta Geu aldizkaria beste hedabiderik ez dakit zegoen. Gaur egun, hor ditugu Alea aldizkaria, Aiaraldea.eus, Hirinet.eus, laster batean Alea.eus, Hala Bedi irratia… Arabatik Arabara dihardute lanean. Araba da lurralde bakarra hedabide berriak sortu dituena azken urteotan. Gurekin elkarlanean ari badira ere, ezin izan diegu eskaini behar zuten moduko laguntzarik; ekonomikoa batez ere. Gure bi plan estrategikoetan berariaz aipatzen da hedabideen esparrua. Harrezkero, garatzeko bideak proposatu dira eta uste dugu 2016an partida berezi bat izango dutela gure Zerbitzuan, edozein herritarrek euskaraz bere inguruan zer gertatzen den jasotzeko aukera izan dezan. Euskarazko hedabideak lagundu nahi ditugu, eta horrekin batera, erdal hedabideei adierazi euskararen normalizazioan zenbateko eragina daukaten eta zer nolako lankidetzak izan ditzakegun.
Euskara zerbitzuen nahiz teknikarien sarea josten saiatu zarete hainbat urtez. PPk Diputazioan agindu zuen garaian gorabeherak izan ziren horren inguruan ere.
Gu arabarrak gara. Gipuzkoako eta Bizkaiko udalerrietan euskara teknikariak izatea normaltasunez hartu da; besteak beste, udaletan hizkuntza politikan txertatzeko erabakiak adostasuna lortu zuelako. Arabako demografia ezagututa ezinezko zen halakorik eta, horrela, euskara teknikarien sarea eskualdeka –kuadrillaka, Araban–, egitea posible zela ikusi zen. Lehorte gorriko urte luzeen ondoren, ematen du, hizkuntza normalkuntzaren kudeaketa normaltasunez sartu dela Arabako instituzioetan, herritarrak euskara gose dira, egin daitekeela ikusten dute, guraso berri dira eta zerbitzuak euskaraz nahi dituzte… eskaera izatea garrantzitsua da. PPk agindu zuen garaian euskara teknikariekin etorri zen sesioa, zalantzan jartzen eta aurrekontuetatik kanpo uzten saiatu baitziren behin eta berriro. Hala ere, negoziazio mahaia bildu behar zenean, teknikarien sarearen aldeko mezuak heldu ziren Batzar Nagusietatik eta, horrenbestez, ez ziren ausartu sarea desegiten.
Zertan da euskara zerbitzu horien egoera gaur egun?
Zerbitzuen egoera ezin hobea da, 2009an sortu ziren azkeneko teknikarien lanpostuak gure diru-laguntza deialdi bati esker eta oraindik ere hor segitzen dute teknikariek sei kuadrillatan eta Trebiñuko konderrian. Handik hona bere lan esparrua definitzen joan dira, bakoitzak berea, denak berdinak eta ezberdinak baitira kuadrillan eta udaletan. Hasiera ez zen erraza izan, zer zen euskara teknikari bat definitzeko eskatzen ziguten eta definizio eta dedikazio bakarra ez zegoenez, tokian tokiko beharretara egokitzen joan behar izan dute, inguruan izan duten aurrekontuekin eta egiteko guztiekin, lehentasunak eta beharrak ez baitira berdinak izan. Baina garrantzitsuena gaur egun, gure ustez, da inork ez duela zalantzan jartzen euskara teknikarien beharra, ez hauen egitekoa, ez hauen figura. Eta etorkizunari begira horixe da garrantzitsua. Horixe dugu gutxieneko adostasunaren adibidea: kuadrilla guztiek izan behar dute euskara teknikari bat gutxienez, euskara planak eta euskararen normalizazio politikak gara ditzan. | news |
argia-724237c56115 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/larrialdi-deietarako-sermoiak.html | Larrialdi deietarako sermoiak | Kepa Matxain | 2015-12-27 00:00:00 | Larrialdi deietarako sermoiak
Desesperatuta, Inesen telefono zenbakia markatu nuen.
– Aizan, behar haunat.
Nire porrota onartzea zen hura, baina ez neukan beste irtenbiderik. Azken aukera nuen neure buruari frogatzeko gai nintzela nire irizpide hutsez kronika duin bat egiteko, aski garatu nuela bertso-critic sena, eta, apropos, Inesengandik aparte eseri nintzen. Alferrik. Paper zuriaren aurrean oro zen zalantza.
– Nola laburtuko huke Ilunbeko finala?
Bazekien deituko niola.
– Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi koska bat gainetik, merezita pasa zituan buruz burukora. Gainontzekoak? Aritu izan dituk hobeto.
– Ados, apuntatuta. Eta, oro har, saioak eragindako gogoetarik?
Isilune labur bat egin zuen.
– Bertsolaritzaren kanona aldatzen ari duk, onerako zein txarrerako –bereziki kezkatuta nagok poetikotzat jota-edo oso goitik puntuatzen den hizkera aski kitsch batekin, baina horrek beste kapitulu bat merezi dik–. Egia esango diat: buruz burukoan faltan sumatu nian beste erregistro batean –"lurtarragoan", nolabait esatearren– kantatu ohi duen baten bat. Ez ditiat Gaztelumendi eta Martin zaku berean sartzen, baina ukaezina duk estilo fin-sentimentalago baterantz jo ohi dutela. Nagok, finalari kolore gehiago emango ziola, esaterako, Unai Agirre edo Agin Laburu puntara ailegatzeak, oso bestelako kantakera duten bi aipatzeagatik. Behin hori esanda, eta buruz bururako nortzuk sailkatu ziren ikusirik, argi zaukat: Gaztelumendik merezita jantzi zian txapela. Goitik beherako saioa egin zian.
Koloreak antzematen zitzaizkion.
– Baita Alaia Martinek ere, Ines. Guk ezin dinagu objektiboak izan, añorgatarrak gaitun.
– Hara, ezinezkoa duk, orain, añorgatarra eta objektiboa izatea. Faborez, aitortuidak seriotasun pixka bat. Esaten badiat Beñatek merezi zuela, Beñatek merezi zuela pentsatzen dudalako duk. Erdipurdiko lan bakarra egin zian: hain justu ere, buruz burukoan Alaiarekin berarekin puntuka egindako saioa.
– Alaiak ere horixe izan zinan erdipurdiko lan bakarra, ala?
– Bai eta ez. Kontu batekin bueltaka nabilek. Ez zakiat epaileek ze irizpide dituzten bertso bat puntuatzerakoan, baina funtsezko gauza bati erreparatu behar lioketek: ofizioetan bertsolariak pertsonaiean eta egoeran egoki sartzea lortu duen ala ez. Pertsonaian sartzeak esan nahi dik, ahal den neurrian, ahalegintzea hark erabiliko lituzkeen hitzak erabiltzen, haren talaiara jaisten –bai, jaitsi, oso goitik ibiltzeko joera zagok eta–. Egoeran sartzeak esan nahi dik gaiaren testuingurutik kantatzea, eta ez kanpotik, gaiaz era askean filosofatuz. Alaiak, sarri, Alaiatik kantatzera jo zian pertsonaiatik baino gehiago. Nabarmena egin zitzaidaan zortziko handiko Down sindromedunaren paperean –a ze marroia gaia, bide batez– eta buruz buruko seiko motzeko lehen bi bertsoetan, kutxazainarenetik aritu zenean. Batzuetan izaten duk aukera pertsonaren oso antzeko pertsonaia eraikitzeko, eta halakoetan non problem . Baina beste batzuetan esfortzu txiki bat egin beharra zagok. Beñati berari ere inoiz antzeman izan zioat pertsonatik kantatzeko joera hori. Finalean, ordea, finago ibili zuan, nire uste makalean.
– Hori dun diskurtsoa, Ines. Kutxako ordezkaria ematen dun.
– Joder, a ze tipoa.
– Txistu jo al hionan?
– Hasieran ez, baina sermoiarekin hasitakoan... Hik?
– Komunean harrapatu nindinan. | news |
argia-70295097c971 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/parisko-kasinoa.html | Parisko kasinoa | Joxerra Aizpurua | 2015-12-27 00:00:00 | Parisko kasinoa
Bi gradu, gradu eta erdi, funtsa berdea, erabaki loteslea ala lotzen ez duen asmoa, herrialde garatuak eta garapen bidean daudenak… Kontzeptu ugari erabili dituzte abenduaren lehen hamabostaldian Parisen. Mundu osoko herrialde eta mandatari ugari aritu dira deliberazioetan. Lortutakoa, asko edo gutxi izan, ez da jakingo urte batzuk igaro arte, bitartean egingo diren neurketek erakutsiko baitute Parisko adostasunen kalitatea.
Parisen oihartzun eskasa izan dute energia berriztagarriek edo energia nuklearrak, eta bitartean petrolioaren prezioak beherantz egin du, orain hamabost urteko mailan kokatu arte. Ondorioz, energia nuklearra benetako alternatiba bilakatu da, eta petrolioak azken urtean izandako beheranzko joera Parisko gailurrarekin batera areagotu denez, eta hain merkea izanik, posible edo errentagarri al da beste energia motatan inbertitzea?
Gizarteak lurraren berokuntzaren gainean duen kontzientzia gero eta indartsuagoa dela iruditzen zait, eta Pariskoak horretan lagundu egin duela ere bai. Eta historia honetan zientziak zer dio? Karbono dioxidoaren maila gero eta handiagoa dela ziurtatzen den bitartean, azken 15 urtean Lurreko zenbait tokitan tenperatura aldatu baldin bada ere, batez besteko tenperatura igo gabe mantendu dela ere ziurtatzen da.
Arrazoiak ez dira ezagutzen, baina datua ezaguna da, eta Parisen ere baliatu egin dute agintari askok, guztiek ez esatearren, nahiago izan baitute Pariskoa euren intereserako joko-etxe bilakatu. Parisko hitzarmenaren letra txikiak edo interpretazio desberdinak izan ditzaketen esaldiek naturaren "adimenaren" esku utzi dute mendearen amaieran tenperatura gradu eta erditik gora ez igotzea; naturan gertatzen diren prozesuak gero eta hobeto ezagutzen baditugu ere, karbono dioxidoaren zikloa eta eragina, epe motzera eta ertainera, auskaloz betetako zerbait da.
Naturan prozesu askorekin gertatzen da esandakoa; ozono-zuloaren gaiarekin adibidez. Ustez kontrolatua dagoen gaiak aurten ezusteko jauzia eman baitu; ozono zuloaren erantzule diren produktuak orain hogeita bost urte debekatu zituzten, eta azken hamarkadan arazoa ahaztutzat jo ondoren, aurten hego poloan ozonoari zabaldu zaion zuloak isilik utzi ditu zientzialariak. Ezjakintasunaren beste adibide bat, poloetako izotzen eboluzioa da, ipar poloan beherantz doan bitartean hego poloan goranzko joera baitu. Naturak elementuen arteko oreka bilatzen du, gure gorputzak bezala, eta horretarako baliatzen dituen mekanismoak oraindik partzialki besterik ez ditugu ezagutzen.
Azkenik, jakin beharko genuke hainbat herri eta lurraldetan gustura hartuko luketela pare bat gradu gehiago... Interesen eta estrategien kasino erraldoian bizi gara. | news |
argia-9c5fc2f1ed7d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/txinako-harresi-handia-txikitzen-ari-da.html | Txinako Harresi Handia txikitzen ari da | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-12-27 00:00:00 | Txinako Harresi Handia txikitzen ari da
Mitorik zabaldu eta onartuenetakoa da Txinako Harresi Handia espaziotik ikus daitekeela. Baina mito faltsua da; Neil Armstrongek berak adierazi zuen Ilargitik kontinenteak, aintzira handiak eta bestelako elementu naturala batzuk bereiz zitezkeela, baina handik ez zela gizakiak eraikitako egiturarik antzematen.
Bada, harresia lurretik bertatik ikustea geroz eta zailagoa izango dela dirudi. UNESCOk monumentua babestu behar dela dio; Den Xiaopingek "Maita dezagun gure Txina, zaharberritu dezagun gure harresia" kanpaina abiarazi zuen 1984an. Alferrik. Txinako Kultura Ondarearen Estatu Administrazioak joan den ekainean jakinarazi zuenez, jatorrizko 21.000 kilometroetatik 2.000 baino gehiago erabat desagertu dira. Eta beste asko galtzen dira urtero. Herritar pobreenek betidanik kendu izan dizkiote harriak beren etxeak eraikitzeko eta, azken urteotan, harresia milaka zati txikiagotan desegiten ari dira turistei saltzeko. Horien joan-etorriek eta euriteek ere ez diote mesederik egiten egiturari.
Shandong probintzian 61 kilometroko zatia zaharberritzeko aurrekontua egin dute: 208 milioi yuan (30 milioi euro). Biderketa eginez erraz ondoriozta daiteke Txinako Harresi Handia osorik eta behar bezala babestea ezinezkoa dela. | news |
argia-431ca94072ac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/ni-ez-naiz-espainola.html | Ni ez naiz espainola | Koldo Aldalur | 2015-12-27 00:00:00 | Ni ez naiz espainola
Egunen batean begietako makarrak kendu aurretik, ezustean, irribarre goxoaren atzean ezkutaturik mikrofono batek erasoko banindu galdezka ea espainola sentitzen naizen, ezetz erantzungo nioke. Ez naizela sentitzen ez naizena, alegia. Eta erantzuna arrazoitzeko eskatuko balit, intsentsuzko tradizioan, naftalinazko folklorean edo "gu" hutsaletan galdu gabe, esango nioke: "Ezin dut espainola izan kirol munduak erabat desberdintzen gaituelako".
Ea. Munduko moto GP txapelketak erakutsi berri digu auzokoen logikak nola funtzionatzen duen: azken karrera, Valentzian. Hiru espainiar italiar baten aurka eta txapelketa jokoan. Motorzale bi, Pedrosa eta Marquez, talde berekoak, Hondakoak, eta hirugarrena, Rossi italiarraren taldekoa, Yamahakoa, alegia, Lorenzo.
Neuk irabaztea baino zuk galtzea nahiago, nahiz eta xextra horrek arriskuan jarri gure burua, bi gurpilen gainean 200 kilometro orduko abiaduran zoazela arriskua biderkatu egiten delako bihurgune bakoitzean. Aurreratzen saiatu, karrera irabazi baina txapelketa "aurkariari" emateko? Bai zera, bihar herrian sartzen ez uzteko ere! Baina, lehiakortasuna? Eta zer? Herrikide batek irabazteagatik, hori eta gehiago egin behar da! Eta Marquezen herrian etxekoak ez irabazi izana, haren taldekoa ez zen Lorenzok baizik, ozen eta harro ospatu zuten. Kariño kontua omen.
Egun batzuk geroago gurean, beste bi kirolari jarri dira aurrez aurre jokoa ixteko. Josemari Olasagasti eta Aitzol Atutxa. Baldintzak adostu eta pare bat egunera holakoak entzun zitezkeen gure inguruko taberna zokotan: "Zaharrak irabazten badu gazteak batere egiten ez duelako izango da, ez berak asko egin duelako". "Gazteak irabazten badu kristorena egin balu bezala geratuko da! Erretirotik gertu dagoenari irabazten ez badio bera egungo txapelduna izanda, akabo aizkolaritza". Eta oraindik gehiago gustatzen zaizkidan perlak: "Orain urte batzuetako Mindegiak edo Arrospidek harrapatu izan balituzte, hauek lanak bukatzerako, Cantabrico tabernara joan eta libra eta erdiko txuleta ederki zurituko zuketen". "Noiz egin behar ote dute behar den bezalako jokoa poltsako sosak jokoan dituztela, partiketan ibiltzeke?". Eta tankera honetakoak, Gasteizko katedralak teilak adina.
Marka da baina, horrek bereizten gaitu. Haiek elkarri lagundu nahirik, kosta ala kosta, eta gu, batere kostatu gabe, elkar izorratzeko prest. Ezin ezer onik opa gertukoari. Tertulia luzeegiak ekonomikaren epeletan.
Horrek, eta Espainiako futbol selekzioa komentatzen duten kazetarien oihu patriotikoak .
Gu ere horrelakoak bihurtzekotan alferrik izan da, eta da, oker edo artez, egiten ari garen askatzeko ahalegina. | news |
argia-f7803d2496bc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/berezkoa-egiazkoa.html | Berezkoa, egiazkoa | Iker Barandiaran | 2015-12-27 00:00:00 | Berezkoa, egiazkoa
Punka zentro komertzialek irentsi zuten, agerikoa bai behintzat, eta beraien gurasoek erosita Ramonesen kamiseta janzten duten mutikotxoek ez dakite musika talde baten izena denik (ezta guraso batzuek ere). Edonor urduri jartzeko gaitasuna izan zuen punk-rock-and-roll eta high-energyak ere nerbioa galdu du. Sorpresa gutxi aurki daitezke panorama hauetan; guztia ikusita dago eta izan zutenek oraindik eusten badiote ere –odolean baitute– gainontzekoek axolagabekeria, irudimena eta ausardia eduki ezean ez dute entzulerik kikildu ezta liluratuko.
Hori dena bizi izanda (eta dagoeneko aspertuta), punk-rocka ikusmolde desberdinetan egiten aritutako hiru lagun elkartu ziren orain dela bi urte eskas: Teen Dogs eta Nuevo Catecismo Catolico talde aurrekarietan aritutako Eneko gitarran; Dirty Pink Ladies irudimentsuenean makilak astindu eta birrintzearen ardura zuen Urko; eta Plan B zein Muturbeltz taldeetan 77ko punk eta hard-rockaren artean igeri egindako Txiki baxu-jotzailea. Rocka, melodia... sentsazio desberdinekin landu nahi zuten, beste era batera. Eta, hara non, agertoki gainera oso gutxitan igo izandako Txema aurkitu zuten, abeslari eta parekaezineko frontman bihurtuko zena. Txemarekin ez dago negoziatzerik: 60ko hamarkada, power-popa eta batez ere garagea nagusitu behar da.
Hala, abestiak konposatzeari ekin eta garai hartako izpiritu bereizgarria duten hitz eta melodiak idazten hasi ziren, erabat vintage ak baina Txemak naturaltasun osoz erabat gorpuzten dituenak. Eta hori guztia janzkera indartsu eta (punk)rockero batek ondo babestuta.
Bi single (edo EP) besterik ez dituzte, baina rock zaleak txundituta daude. Doctor Explosion taldeko Jorgek gidatzen duen Circo Perroti estudioan grabatuak daude. Discos Bloody Maryk Chelsea boots argitaratu du: izen bereko kantuak oinarri punk-garagero indartsua dauka, gitarrak New York Dollsen lotsagabekeria eta Txemaren ahotsak glamourdun ukitu ye-ye eta baziloia, ia argentinarra. B aldeko Viajar , berriz, ilunagoa da, reverb gehiagorekin eta 60ko hamarkada zainetan jasota badu ere, narrasean eramandako abesteko era dauka. Borobilak biak! Folc records-ek argitaratutako Pínchalo n izen bereko pieza jostariagoa da eta 77ko punketik ere edaten du, oso itsaskorra da. Buelta emanda, Felicidad inuxente bezain barnekoa aurkituko dugu: 60ko hamarkadako garage piezaren patroiak betetzen ditu, psikodelia, kopeta-ile mugimendu eta bateria kolpe irmoekin. Txemak bizitasuna, benetakotasuna, estilo propioa eta umorea gehitzen dizkio taldeari; eta gainontzekoek sendotasuna eta energia. Ikustekoak dira hauen kontzertuak. | news |
argia-f30de3ebc415 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/irakurleak-galdezka.html | Sagarrak eta euli zuriak | Jakoba Errekondo | 2015-12-27 00:00:00 | Sagarrak eta euli zuriak
Kaixo Jakoba. Posible al da golden sagar zuhaitzetan eta irasagarrondoetan dauden sagarrak eta irasagarrak ez usteltzeko zerbait egitea euli zurien kontra? Mila esker.
Joselu Galarraga (Ondarroa).
Kaixo Joselu. Nire ustez euli txuriak ez du zerikusirik fruituak usteltzearekin. Eulitxo horrek hostoetan egiten du kaltea: eztena sartzen du eta izerdia zurrupatu. Era berean hondakin gozo bat uzten du, gero onddo beltz batek erasoko diona. Eraso horren ondorioz dena beltz agertuko da eta hostoak ezin izango du bere lana taxuz bete, hau da, argiaren energia erabiliz landarea hornitzeko jakiak sortzea. Geruza beltz hori fruituetan ere azaldu daiteke, baina ez da usteldura izango. Agian, usteldura baten gainean euli txuriak ikusi dituzu, baina usteldura beste zerbaitek sortua izango da. Beraz bi gauza dira usteltzea eta eulitxoa. Ea bada usteldura horiek zerk sortzen dituen asmatzeko gai garen. Argazkiren bat edo bestelako informazio gehiago bidaltzerik bai? | news |
argia-59e08194634f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/liburua.html | Beste bizitza batean | Aritz Galarraga | 2015-12-27 00:00:00 | Beste bizitza batean
Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) saiakera liburuan irakur daiteke: "Beharbada, barne-kritika (...) zaila delako edo, kontua da, noizean behin, euskal kulturaren munduko norbaitek atea danbatekoz itxi eta alde egiten duela". Hitz horiek irakurri eta Eduardo Gil Bera burura etortzea, bat. Atea itxi –zaratots handirik atera gabe, hori bai– eta alde egin izanagatik –Angel Errok: "Euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetakoa"–. Eta auskalo barne-kritika zaila delako. Akaso bai, agerkari honetantxe aitortu baitzuen: "Tudelatik euskalduna! Ematen dik gainera jantzia dagoela, badakiela. Baina hasi duk hiperkritiko eta ganberro xamar eta, ixi!". Auskalo zergatik, baina desertatu du, utzi egin dio, ez da gehiago izango –Hasier Etxeberriaren hitzetan: "Domaia den arren, seguru asko euskarak betiko galdu duena"–.
Alberto Barandiaranek esango lukeen bezala, ordea, "beste bizitza batean" euskaraz idatzi zituen lanak. Har diezaiogun bat, adibidez, O tempora! O mores! , bigarren saiakera liburua, lehena, Atea bere erroetan bezala , 1988koa, eskuraezina baita. "Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait" aurkituko ditugu bertan, azpitituluaren arabera. Eta halaxe hasten da hasi, giza moralaz, kontzientziaz –"giza morala ikertzekotan baldin bagara, kontzientziarena dugu lehenik xuritu behar dugun prolema"–, baina gai filosofiko jakin bati buruzko liburu zurruna dirudiena, berehala bilakatuko da, hola eta hala, zentzuaz, obedientziaz, bestaz, erlijioez, suizidioaz, normaltasunaz, aisiaz, segurtasunaz eta abarrez hausnarrean ariko zaigun testu jakin-atsegingarria. Azken aldera gainera jartzen da inoizko interesanteen, lastima da beste ehun orrialde gehiago ez irautea. Eta guztia irakurketa zabal, izpiritu kritiko, are burlaize ukitu batez idatzia. Hara zer dioen, bestela, anarkistez: "Kristaukeriari fideltasunean, haiek dira lehenak, gero sozialistak, protestantak eta, azkenik, puska batez gibelagoan, katolikoak". Nik baino hobeto dio Josu Landak: "Jipoiak ezker-eskuin luzatzeko duen elegantzia lotsagabea, aipamenak eta erreferentziak indiskriminatuki baina erudizio faltsuko itzalik gabe egiteko modua, irakurlearen usteak eta portaerak kuestionatzeko manera ez-inkisidorea".
Joseba Sarrionandia, bukatzeko, Bost idazle elkarrizketa liburutik: "Ez nioke euskaraz idazteko esango Pablo Antoñana, Miguel Sánchez-Ostiz, Pedro Ugarte edo Marie Darrieussecq moduko jendeari (...) baina nahiago nuke Eduardo Gil Berak euskaraz idazteari ez uztea". Neronek ere bai, noski. Inoiz bueltatu artean, berriz, "beste bizitza" hartakoak dauzkagu irakurgarri. | news |
argia-9ae601702d76 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/komikilariak-errekondoren-kontsultan.html | Komikilariak Errekondoren kontsultan | Jakoba Errekondo | 2015-12-27 00:00:00 | Komikilariak Errekondoren kontsultan
Ilargiak nola ez du ba eragina izango guregan!
Nik, hala ere, eragin horri aurre egiten ez nuke ezta indar zipitzik ere baliatuko. Gaizki erabilia eta alferrik galdua izango litzateke. Ilargiak bihurtzen bazaitu otso ahobero, azeri zeharbegiratzaile, azkonar maltzur, bele pinpirin, katu atzapar erraz... edozein animaliaren planta hartzea hobea da, eguneroko zozo pandero zanpana izatea baino.
Ilargiak, beteak bezala berriak, eraldatuko zaitu, nahi ez baduzu ere. Baliatu. Lortu nahi duzuna lortu nahi duzula, lortzen baduzu zeure ahalegina eta abileziagatik izan da eta lortzen ez baduzu ilargiaren eragin txatxu horri egotzi errua.
Ilargi amandrearen eraginari ez egin aurre, bere lagun egin zaitez. Eta jakin, zeu ere batzuetan bete baina beste batzuetan berri ere izaten zara. Ikasi, berarekin, zenbaitetan gora eta gero behera eta gero gora eta... Ilargia zeu zara. | news |
argia-b1e4d1731a14 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2489/nicasio-landaren-mantala.html | Nicasio Landaren mantala | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-12-27 00:00:00 | Nicasio Landaren mantala
Iruñea, 1830eko urriaren 11. Nicasio Landa jaio zen. Landak medikuntza ikasketak egin zituen; 1854an atera zuen lizentzia eta bi urte geroago doktoratu zen Madrilgo Unibertsitatean. Epidemiologo lan nabarmena egin zuen XIX. mendearen erdialdeko kolera pandemiak geldiarazten. Askotariko gaiak jorratu zituen bere liburuetan: giza eskubideak, etnografia, arkeologia, osasungintza publikoa, geologia... Baina, nagusiki, alor militarrean erabili zituen medikuntza ezagutzak.
1864an, Iruñean bertan eta Joaquín Agulló Ripaldako kondearekin batera, Espainiako Gurutze Gorria sortu zuen. Eta 1870ean Frantzia eta Prusiaren arteko gerrara joan zen erakundearen Espainiako ordezkaritzako kide. Bertan ikusi eta ikasitakoak etxean aplikatzea egokituko zitzaion berehala, azken gerra karlistan (1872-1876).
Landa doktorea konturatu zen zaurituak gatazka eremutik ospitalera edo toki seguru batera eramatea zaila zela zenbaitetan. Arazoa are larriagoa zen eremu menditsuetan eta baso itxietan, soilik oinez, eta nekez, ibil zitezkeen tokietan. Gaia teorian landuta zeukan aldez aurretik; 1865ean, El mandil de socorro liburuan, gerra zaurituak mugitzeko sistema egokia azaldu zuen. Eta 1870eko hamarkadan sorospen mantal hura, aurrerantzean, Landa mantala esango zitzaiona, gauzatu eta gudu-zelaian erabiltzen hasi zen.
Oihal zati batek, egurrezko egitura soil batek eta zenbait uhalek osatzen zuten asmakizuna. Hari esker, bi pertsonak nahiko erraz eraman zezaketen zauritua. Atzeko sorosleak mantala janzten zuen eta aurrekoak azpiko makilari eusten zion. Bien artean zauritua eserita zihoan eta, horregatik, tramankulu sinplea egokiagoa zen zauri arinak zituzten soldaduak garraiatzeko, zauritu larrienak eramateko baino. Baina, zauriturik gabe, mantala gainean eramatea askoz errazagoa zen Gurutze Gorriko kideentzat, ohatila zurrun astunekin batetik bestera eramatea baino. Zaurituak errazago eramateaz gain, haiengana lehenago iristea ahalbidetzen zuen Landa mantalak.
Mende erdiz, Lehen Mundu Gerran zaurituak garraiatzeko sistemak hobetu ziren arte, mantala erabili zuten Gurutze Gorrian alde bateko zein besteko soldaduak toki malkartsuetan eramateko. Bere idazlanetan, Landa doktoreak luze hausnartu zuen neutraltasunari buruz. Eta bere mantalak zaurituak neutralki tratatzen lagundu zuen gudu-zelaian. | news |
argia-0a64ecd5c0dc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/aski-malko.html | Aski malko | Itxaro Borda | 2015-07-19 00:00:00 | Aski malko
Iragan egunean, aldizkari honetan, Antza eta Iparragirre ETA kideekiko elkarrizketa irakurtzean ideia batek inarrosi zidan gogoa: kondenaren ildotik, euskal presoei, kartzelara iristean, zaindariek Dostoievskiren Krimena eta zigorra eleberria oparitu beharko liekete. Atxiloek, herriaren askatasunaren fagoretan kunplitu krimen funtsa eta hauen larritasunaren araberako gaztiguaren onartzea zein premiazkoa den ikasiko lukete hor. Paperean hargatik, bi buruzagiak irrealitate malenkoniatsu betean igeri dabiltzala iruditu zitzaidan, inguruan ezer aldatu ez bailitzan.
Bizkarra emateak, damutzeak, salatzeak eta menturaz aurkarien artean gatazkak kaltetuak –eufemismoaren tapakia– aurkitzen direla ohartzeak lagunduko lituzke borrokaren mundu morbidotik beste mundu humanoago, inperfektuago, errealago batera pasatzen. Ordez, mila bider harilkatu diskurtsoak botatzen dizkigute: biktimak beraiek dira eta etsaiak oraindik ere Frantzia eta Espainia entzun gogor ziztrinak, non ez diren presoen eta errefuxiatuen gaia ahanztear dauden euskaldun arruntak. Nostalgia negartiaren garaia bukatu da.
Horrela da Raskolnikov erraldoia... | news |
argia-71cbe7f62d86 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/eta-greziar-intsumisioa-zapalkuntza-osora-zabalduko-bagenu.html | Eta greziar intsumisioa zapalkuntza osora zabalduko bagenu? | Juan Mari Arregi | 2015-07-19 00:00:00 | Eta greziar intsumisioa zapalkuntza osora zabalduko bagenu?
Erreferendumean ezezkoak irabazi ondoren, Greziako herritarrek intsumisio lezio ederra eman digute. Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak inposatu nahi dituen erreformei planto egin diete. Instituzio horiek osatzen dute Troika, inork aukeratu ez duen erakunde antisozial eta antidemokratikoa. Greziako herriak gainerako europarroi eta munduari erakutsi digu xantaiari ez zaiola men egin behar eta ez dela beldurrik izan behar. Jendartean izua zabaldu nahi izan zuten nola edo hala baiezkoa lortzeko, baina greziarrak giza duintasunarekin kontsekuente izan dira, eta nahiago izan dute euren buruen jabe izan Troikak ordezkatzen duen kapitalismo krudelaren aurrean belaunikatzea baino. Ez da harritzekoa, erakunde horrek milioika lagun eraman baititu langabeziara, pobreziara eta bazterketa sozialera, eta suizidioak ere eragin ditu horrek. Hemendik aurrerako bidea ez da erraza izango. Troika umiliaturik sentitu da eta ez die barkatuko, aurkituko ditu moduak mendekurako. Baina Troikak ere ez du erraz izango, ikusi baitu herri oso bat altxa dela erresistentzia aktiboa egiteko. Kapitalaren instituzioek beharrezkoa dute zorra kobratzea, zati bat kitatu eta denbora gehiago emanda ere.
Gainerako europarrok eta munduak ondo egingo genuke greziar intsumisioa zapalkuntza osora zabalduko bagenu: ekonomikoa, soziala, nazionala, lan arloko, sexuari dagokiona… Arlo guztietan landu beharko genuke intsumisioa, eta giza eskubideak errespetatzen ez dituen sistema ororen aurrean zutik jarri beharko ginateke. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna errespetatzen ez dela? Bada intsumisioa. Azken batean, merkatarien eta finantza espekulatzaileen Europari ezetz esatea litzateke, horiek baitira gure jendartean dagoen desberdintasun sozialaren sortzaileak. Intsumisioa egin beharko genieke halako Europa defendatzen duten gobernu eta erakunde guztiei. | news |
argia-ebf31e8e322d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/errenta-aitorpena.html | Errenta-aitorpena | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-07-19 00:00:00 | Errenta-aitorpena
Ikasturteko ez ezik etorkizun hurbileko azken Zirta dudan honetan atzera begira jarri naiz: zer idatzi ote dudan irailean ekin nionetik hona. Artikulu guztiak gorde ditudan karpeta zabaldu eta egiaztatu dut batik bat literaturaren eta sormenaren bueltan ibili naizela, batzuetan gai nagusi, beste batzuetan zehar-lerro eta beste hainbatetan makulu. Izen propioak aipatzean adibideak franko baliatu ditut hemendik kanpokoak, baina beren-beregi horretara jarri ez naizen arren, igarri dut, era berean, izan dudala kezka bat buruan euskal literaturarekiko. Ez hainbeste testuekiko, balizko aniztasun edo salmenta eskasarekiko, euskara batu ez nahi bezain koloretsuarekiko. Norberaren betaurrekoak zer diren, komunitatean nola bizi garen izan dut ardura-iturri, komunitatera heldu berritan nola kokatu daitekeen bat, nahiko tupustean izen propio bihurtu denean.
Ikasturte honetan lagunekiko solasaldietan erdiguneko gai izan dut, ezagun eta ezagutu berri askok esan didaten moduan "azkenaldian toki guztietan ikusten zaitut" edo "a zer arrakasta, maja" prozesu batek zeharkatu nauelako estreina idatzitako eleberriarekin. Egozentrikoegia iritzita luzaroan baztertu dudan arren gaia, zintzoa izan nahi dut eta elkarrizketetan inertziaz baina egiati esaten diren "oso pozik nago"ez aparte, buruko minak edo ondorioak ere nahi nituzke hizpide hartu.
Gurearen gisako testuinguru batean arrakastaren aparrak txikiak dira, noski, nola diren txikiak ahalegin berezirik egin gabe egunean hiru jatordu ahoratzen ditugunon tragediak etxepeko Kutxabank-bulegoan lo egiten duenaren problemekin alderatuta. Ez gara, ordea, absolutuetan bizi, ezpada erlatiboetan, eta bere buruhausteek bizi dute pertsona. Beraz, gailurrera bidali ninduten, nire sakonegi hausnartu gabeko oniritziarekin, nahiko aise eta (egindako lana gutxiesteko asmorik gabe) liburu bat baizik ez argitaratuta. Gailur zenbaitek geure buruaren neurria ematen digute beren handitasunean: zinez, ez gara ezer, geure haragi honetatik eta egin ditugunetatik landa. Beste batzuek, baina, begirada lausotu dezakete, eta sinetsarazi nahiko duin gauzatutako lan bat horixe bera baino askoz gehiago dela. Izan ere, lan horrek mila leiho zabaltzen dizkizu, mila kolaborazio, eta ahatz dezakezu zure aurretik eta zure aldi berean beste hamaika direla zu bezalako, igo zaituzten bezala jaitsaraziko zaituztela efimero, zu ez zarela soilik besteek zugan fresko edo interesgarri uste dutena.
Ahantz dezakezu zuri idaztea gustatzen zitzaizula eta ez Danele Sarriugarte izatea.
Akaso ez zaie denei gertatu baina niri bai behintzat: ardatza erabat galdu ez arren, deserosotasun bat pertsonaia publikoaren eraikuntzarekiko, jendaurrekoa ere baden jardun bat jorratzeari uko egin nahi izan gabe, bere alde onak eskertzeari utzi gabe. Gure mikroklima honek apropos betetzen ditu aparraldi apur bat buiatuegi bat sortzeko baldintzak, eta hori kudeatzen ez zidan inork erakutsi. Edonola ere, zerbait egin dut ondo, eta hori ez da izan, hainbeste, egoerak zorrotz analizatzeko kapaz izatea edo esaldi luzeak ondo jostea, ezpada inguruan hartzea botaka egiten dudanetan lepatzea umeltzeko gertu daudenak. Nire telefono-agendako bost zenbaki izarrei esker ez naiz zeharo lurrundu.
Jakin banekien, baina ikasi dut txistuak bezain arriskutsu suerta daitezkeela txaloak ere, behar den moduan digeritu ezean. | news |
argia-e16464bf43e8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/herriko-taberna-eta-elkarteen-itxiera.html | Desobedientzia herriz herri | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2015-07-19 00:00:00 | Desobedientzia herriz herri
Ezker abertzalearekin lotura duten 107 Herriko Taberna eta kultur elkarte ixteko agindua berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Inork ez daki noiz eta nola egingo duten halako polizia-operazioa, baina bitartean, erresistentzia estrategiak lantzen ari dira herriz herri. Herrikoak itxi ostean, irekiko dituzten gune berriek nolakoak izan behar duten birplanteatzen ere ari dira.
Presoen argazkiak barraren gainetik tabernaren zaindari. Herri mugimenduen ekintza eta kartelak komunaren ondoko tabloian: EHZ festibaleko egitaraua, Elektrotxarangen II. Topaketa, Mozal legearen aurkako mahai-ingurua... Auzoko bikote heldu bat plater konbinatua jaten ari da, gazte batzuk leihoan kafea hartzen berriketan. Albistegi mututua telebistan, Benito Lertxundiren diskoak girotzen du ostegun eguerdia Donostiako Herria tabernan. Espainiako Auzitegi Nazionalak konfiskatzeko agindu duen 107 tabernetako bat da.
Tuterako Abardena Elkartea, Usurbilgo Aitzaga, Gasteizko Aitzgorri, Urretxuko Aldiri, Durangoko Intxaurre, Markina-Xemeingo Amaiur, Lazkaoko Ansoategi, Artziniegako Otsati, Larrabetzuko Aretxabalaga, Alonsotegiko Aritzmendi, Tafallako Azoka... Hego Euskal Herrian barrena ixtera behartutako taberna eta elkarteen zerrenda beltza osatu dute Espainiako epaileek.
"Ikusten dugu, 14 urteko epaiketaren ostean, Espainiako Estatuak ez duela inondik ere borroka legal hau galdu nahi. Dena ETA da tesia mantentzeagatik astakeria handiak egin dituzte eta orain ez dute atzera egingo. Guk ordainduko dugu, hurrengoek ordainduko dute, eta horrela jarraituko dugu Espainiako Gobernua aldatu arte edo Estatuaren posizioa aldaraztea lortzen dugun arte".
Joseba Alvarezen hitzak dira, 35/02 sumarioan auziperatua, 14 urtez iraun duen epaiketan parte hartu du. 785 orriko epaian, Herriko tabernak eta elkarteak konfiskatzeko agintzearekin batera, aurrez eskatzen zitzaien hiru urteko kartzela zigorra murriztu diete epaiketa hamarkada bat baino gehiago luzatu delako, eta urte bat eta 10 hilabetera zigortu dute ezker abertzaleko Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasororekin batera. Floren Aoiz, Antton Morcillo eta Jon Gorrotxategiri urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diete. Azkenik, beste hamabi lagun urtebete eta hiru hilabetera zigortu dituzte Herriko tabernen zatiagatik. Ez du inork kartzelara joan beharrik izango.
"57 urterekin laugarren aldiz kartzelara joatea eta lanpostua galtzea ez da broma, eta horrenbestez, salbatzea berri pozgarria da. Hala ere, epaia politikoki txarra da, akusazioa mantendu egiten dutelako, eta tesi berarekin jarraitzen dutelako". Alvarezek uste du atzetik doazenentzat erabaki makurra dela.Udazkenean egokituko zaie Askapenako kideei, Segurako operazioan atxilotutako Batasunako zuzendaritza politikoari, eta ondoren presoen abokatuei, Herrirako kideei... 100 pertsonatik gora daude epai zain.
Herriko Taberna eta elkarte batzuk epaiketak iraun duen 14 urteetan itxi dira. Honenbestez, 90 bati eragingo die aginduak. Guztira, 150 inguru dira lokal hauen itxieragatik lanpostua galduko duten pertsonak.
Herriko Tabernen defentsa
Kamiseta laranja soinean, eskubide zibil eta politikoen alde batetik bestera dabilen Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak hartu du hitza. Epaia jakin berritan, Herriko taberna guztietako ordezkariak atzean, Herrikoak defendatuko dituztela iragarri dute Zarautzen. "This is neither Spain nor France, you are in the Basque Country" oharra turistentzat leihoan, Libre zuria pertsiana laranjan.
"Auziperatuak defendatzen ditugun moduan, Herrikoak defendatuko ditugu. Erasoen aurrean konpromisoak batuz jarraituko dugu, eta guztion eskubide zibil eta politikoak defendatuko ditugu. Herri honek argi adierazi du: guztiok bat eginda ez dago geldiaraziko gaituen gobernu, polizia, epaile edo nekerik".
Herri harresien dinamika abiatu zenetik, mugimendu desobedientea tokian toki egonkortzeko lanean ari dira azken hilabeteetan. Herriko Tabernen auzian erantzunarekin laguntzea erronka handia dela diote Eleak mugimendutik. "Orain artekoekin alderatuta ezaugarri ezberdinak ditu honek. 107 Herriko Taberna eta elkarte dira, oso kopuru handia, eta hori ez da erronka makala", dio Bolinagak.
Elkarte hauek ezker abertzalearenak izateaz gain, zigortutako pertsonak ere hala direnez, talde eragile mistoa osatu dute. "Ezker abertzaleak badauka zeresana auzi honetan, zuzenean inplikatua da, eta pozik gaude bilera mistoekin, Libre dinamikaren baitan, gako desobedientean erantzun behar dugula ados baikaude denok".
Herriko Tabernak eta elkarteak dauden herri bakoitzean taldeak osatzen doaz. Abokatuek gainera, errekurtso bidez herriz herri borrokatuko dutela adierazi du.
Operazio konplexua
Noiz joango dira lokalak ixtera? Uztailean? Abuztuan? Irailean? Udazkenean? Alvarez konbentzituta dago uztailaren 30a dela muga, epaileek oporrak hartzen dituztelako eta abuztuan sartuko den ordezko epaileak ez duela patata beroa ukituko. Hala balitz, "Herrikoak libre eta zabalik" kanpainarekin, uda osoan kausa honen alde lan egiteko asmoa dute, jaietan babesa bilatzeko baliatuz.
Hala ere, gogoratu behar da Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002/35 sumarioaren epaia 2014ko uztailaren 30ean eman zuela, oporren aurretik azken egunean.
Abuztuaren aurretik edo ondoren, itxiera ez da erraza izango, eta luze jo dezakeela aurreikus daiteke. Legalki konplexua da itxiera, jabeak ezberdinak baitira herriz herri, eta hortaz, gune bakoitzak bere prozedura legal propioa behar du. Horrez gain, nahiz eta polizia-operazio erraldoia antolatu, denak batera ezustean ixteak ezinezkoa dirudi.
Lehen itxieren albistearekin batera, lurrikara politikoa espero da, eta Euskal Herri osoan, herri bakoitzean formula adostuta, ehunka herritar mobilizatuko dira beren auzo edo herriko guneen itxierak zailtzeko. Hala gertatuz gero, herriz herri lokalak hustu beharko ditu poliziak, eta ondoren, prezintatu. Oraingoan ez da inbentariorik egin behar. Prezintatu ostean, baliteke hainbat lekutan zigilua apurtu eta berriz ere sartzeko hautua egitea, polizia operazioa nabarmen luzatuz, nahiz eta jakin horrek zigor gogorragoa dakarrela barruan harrapatzen dituztenentzat. Behin aginduak beteta, lokalak enkantean jartzea da asmoa eta jasotako dirua Espainiako Estatuarentzat izango da. Sare sozialetan irakurritako mezu ironiko batek dioen gisan, azkenean Estatua izango da Herriko Tabernen bitartez finantzatuko dena.
"Herri batzuetan erresistentzia fasea gogo handiz ari dira prestatzen". Alvarezen iritziz erresistentzia formatu anitza pentsatu behar da, ahalik eta jende gehienak har dezan parte. Lokalaren kanpoaldean planteatutako desobedientziatik, gaztetxe eta bestelako desalojoetan erabili ohi diren erresistentzia tekniketaraino, erresistentzia ariketa anitzak prestatzen ari dira. "Desobedientziaren aniztasunean asmatu behar dugu". Bolinagak "malgutasuna" hitza behin eta berriz aipatu du, argi utziz kasuan kasu erantzun ezberdina emango zaiola.
Espainiako Estatua krisi larrian
Bertso eskolaren bidez iritsi zen Azpeitiko Orkatz tabernara Jokin Uranga. Bertso saioak antolatzen hasi ziren, eta ondoren bestelako kultur dinamiketan ere lanean amaitu dute. Gunearen defentsan buru-belarri dabiltzan taldeetako bat da.
Pozik daudela adierazi du, jende askok adierazi baitie gertatzen ari dena injustua dela –"eta ez soilik ezker abertzaleko jendeak"–, eta babes handia jasotzen ari direla dio. Ezker independentistaren aurkako beste eraso bat dela pentsatzen du Urangak, Baltasar Garzónek hasitako bidetik. "Kaleko dinamikatik atera nahi gaituzte".
Koldobike Muniain zarauztarra da, eta Herriko Tabernen izenean hartu zuen hitza epaia salatzeko ekitaldian. "Ezker abertzalearen oinarriari lokal eta espazioak lapurtzen dizkion eta bataila politikoa galdu duen Estatu baten ezintasunaren ikur bilakatuko da Herrikoen lapurreta".
1936an Hego Euskal Herrian faxistek errepublikar eta abertzaleei eginiko lokal eta ondasun lapurreta errepikatuko du Auzitegi Gorenak, Muniainen ustez. Europan azken hamarkadetan mugimendu politiko bati ez zaiola horrenbesteko ondasun lapurretarik egin azpimarratu du hainbatek.
"Estatua krisian dago, nola edo hala eutsi nahi diote egoerari, eta egiten dakiten gauza bakarra errepresioa areagotzea da". Alvarezen ustez, nabarmena da estatu mailan gertatzen ari den aktibazio soziala. Milioika pertsona langabezian, Kataluniako independentzia prozesua, Podemos gisako fenomeno berriak, monarkiaren eraberritze "prezipitatua", ustelkeria kasuak... "PPk badaki fase hau amaitzear dela".
Euskal Herrian sortu den giro politikoak gehiago ahultzen du Estatua Alvarezen iritziz, eta horren erantzuna dira makroepaiketa gehiago, Mozal legea, Kode Penal berria, presoen gaia ez mugitzea... Oso kezkatuta ikusten ditu eta ahalik eta lotuen utzi nahi dute gauza, bere ustez.
Nahiz eta abokatuek esan dieten uda aurretik ez direla ixtera joango, ez dira fidatzen. "Gu geure buruari begira gaude, egin behar ditugun gauzak pixkana egiten ari gara, talde indartsua osatu dugulako. Batetik, klabe desobedientean itxiera nola zaildu prestatzen; eta bestetik, aurrera begira, Orkatz berriak nola izan behar duen pentsatzen".
Herritar talde zehatz bati eraso egitean, gizarte osoari egiten zaiola eraso aldarrikatzen du Joseba Alvarezek, eta ez du uste ezker abertzalea denik erantzun behar duen eragile bakarra.
"Hedabideak itxi dizkigute, alderdiak ilegalizatu, mugimenduak debekatu... eta beti sortu ditugu berriak. Hemen gauza bera egin behar dugu, eta aukera baliatzen badugu Herriko Tabernen kontzeptuari buelta bat emateko, bikain". Alvarezen ustez koiunturala da lokal hauek babesteko egingo den erresistentzia, eta garrantzitsuagoa da hurrengo pausoa: "Zer nolako guneak behar ditugu antolaketa eta mugimendu sozio politikoei dagokien espazio irekiagoak emateko?".
Taberna hauek 1980ko hamarkadan sortu ziren. "Beste egoera bat zen, beste fase bat, Euskal Herriko gatazkaren enfrentamendua beste bat zen, eta ezker abertzaleak beste era batera jokatzen zuen. Hori aldatu egin da eta gauza hauek ere aldatu behar ditugu". Eztabaida mahai gainean dago.
Zentro sozial autogestionatuetan, adibidez, esperientzia aberasgarriak daudela dio. Espazioak alderdi baten inguruan sortu beharrean, beste balore batzuetan oinarrituz, militantziarako eta koordinaziorako diren gune hauek izaera zabalagoa har dezaten. "Ezkerrak, era zabal batean planteatuta, zer nolako guneak behar ditu?", galdetu du Alvarezek.
"Jendea ari da gogoetan, kolpe handia emango digute eta ekonomikoki ziur gaizki ibiliko garela, baina aurrekoetan bezala, ziur naiz hemendik ere indartuta aterako garela", dio Urangak.
Desobedientzia indartzea da asmoa
Txerra Bolinagak aitortu du oraindik mugimendu desobedientea ez dela gai Estatuaren posizioak mugitzeko, baina bide berean sakontzea beste aukerarik ez du ikusten. Mugimendura lan egiteko prest dagoen gero eta jende gehiago hurbiltzen ari dela dio, eta atxikimendua gero eta handiagoa dela sentitzen dutela. Gauzak horrela, Herriko Taberna eta elkarteak defendatzeko osatuko diren talde ugari, gerora, eskubide zibil eta politikoak lantzen ari diren taldeetara gehitzeko aukerak ikusten ditu. "Hau hazten ari da, borroka honek motibatu egiten duelako jendea, eta erronka handiak ditugulako aurrean".
Disidentzia politikoaren kontzeptua garrantzitsua dela uste du Alvarezek. Troika, etxe kaleratzeak, eredu sozial antidemokratikoa, migrazioarekiko jokamoldea, kaleratze merkeak... Neoliberalismoaren jokaera inoiz baino ageriago ikusten dute herritarrek, dio. "Ezkerretik alternatiba indartsua egituratzeko aukera dago hor, eta Herrikoen aurkako erasoa gako horietan kokatu behar dugu".
"Euskal Herriko disidentzia politiko horren parte baten ikurren aurkako erasoa da hau, baina funtsean honen guztiaren motorretako bat kolpatu nahi dute, eraldaketarako sentsazioa".
Espainiako Estatuak Mozal Legea eta Kode Penal berria onartu ditu uztailean. "Argi dugu ezin garela beldurtu, bestela gureak egin du". Borrokatzeko desobedientzia jendetsuak egin behar direla pentsatzen du Bolinagak. "Futbol zelaietan Espainiako ereserkiari egindako txistuekin bezala da; batek bakarrik egiten badu txistu, bereak egin du; 100.000k egiten badute, ezin dute ezer egin. Hemen berdin".
Pixkana elur bola handitzen sentitzen dute Eleakeko kideek. "Denok batera goaz, Askapenakoekin oso pozik ari gara lanean, orain Sortu ere gako beretan ikusten dut, beste ekimen batzuk ere hasi dira... Bidea argi dugu, eta egia esan, beste biderik ez dugula sinetsita gaude: desobedientziaren elur bola hau handitu behar dugu estatua baldintzatzera iritsiko bagara". | news |
argia-3e4f80d96807 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/zuritzen.html | Zuritzen | Jakoba Errekondo | 2015-07-19 00:00:00 | Zuritzen
Lehengo astean egindakoa da argazkia. Platanus x hispanica , platanoa da; zurinak jotako platanoa. Oidioa ere deitzen zaio zurinari. Udaberriko gaitza da batez ere. Gaitza indarrean ikusteak oraindik udaberri giroa dugula adierazten du. Onddo batek sortzen du; hezetasun apur bat behar du, baina batez ere beroa eta lehorra eta euria elkarri txanda kenduz ari direnean hedatzen da. Hosto gainean, axalean zabaltzen den lizun zuria da. Non edo han hau ikusiz gero, baratzerako alarma jotzen ari zaizu: han kuiak, kuiatxoak eta luzokerrak zaindu, zurin-berak dira. Sufrearekin, propolioarekin, esnekiekin edota bikarbonatoarekin tratatu. | news |
argia-b39ded5444b0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/ekonomia-soziala.html | Oinarrizko errenta unibertsala ezarriko dute Herbehereetako Utrecht hirian | Mikel Garcia Idiakez | 2015-07-06 00:00:00 | Oinarrizko errenta unibertsala ezarriko dute Herbehereetako Utrecht hirian
Herritar orok herritar izateagatik gutxieneko diru-sarrera jasotzeko duen eskubidea da oinarrizko errenta unibertsala. Herritar guztiei bizitza duina bermatzeko baliabidea izatea eta gizarteko desoreka ugari arintzea ditu helburu.
330.800 biztanle inguru dituen Utrecht hirian (Herbehereak) abiatuko dute esperientzia pilotua, hiriko unibertsitatearekin elkarlanean: oinarrizko errenta unibertsala eta baldintzarik gabea integratuz gero, gizartea eraginkorra al den aztertu nahi dute. Horretarako, udako oporren ostean jarriko dute martxan esperimentua.
Gaur egun ditugun prestazio sozial eta ekonomikoekin konparatuta, oinarrizko errentak duen ezberdintasun nagusia da lana egitearekin bateragarria dela. Hala, sistema hau aplikatuz lanordu malguagoak eta gizarte ez hain zurruna bilatzen dute Utrecht-en, zaintzari, boluntariotzari edota ikasketei denbora gehiago eskaini ahal izateko.
"Etxean geratuko da ala gizarteari ekarpena egiteko akuilua izango da?"
"Datuek erakusten digute herritarren %1,5ek baino gutxiagok egiten diola iruzur ongizateari, baina errenta unibertsala jarri edo ez erabaki aurretik, eraginkorra al den aztertu behar dugu", adierazi du hiriko Enplegu zinegotziak.
"Zein da emaitza, herritar batek hilero diru bat jasotzen duenean, araurik eta kontrolik gabe? Etxean geratuko da pasiboki, ala garatzeko eta gure gizarteari ekarpena egiteko akuilua izango da?".
Antzeko azterketak egiteko, inguruko beste hainbat hirirekin elkartuko da Utrecht.
Errenta unibertsala bideragarria dela frogatu zuten Gipuzkoan
Gipuzkoan oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabea ezartzea bideragarria dela eta herritarren %75ak baino gehiagok bere bizi maila hobetuko lukeela frogatu zuen Jordi Arcarons Ekonomia katedradunak, 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Sinposioan.
Katedradunak egindako simulazioan, 2011ko datu ekonomikoak eta demografikoak hartu zituen aintzat: aberastasunaren birbanaketa eginez, oinarrizko errentarekin 18 urtetik gorako biztanleek 658,5 euro jasoko lituzkete hilero eta adin txikikoek 131,7 euro.
Horretarako zerga sistema erreformatu behar dela eta gakoa borondate politikoa dela azpimarratu zuen Arcaronsek. | news |
argia-daa0e6a8148b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/tximeletak.html | Doinu hegalariak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-07-19 00:00:00 | Doinu hegalariak
TALDEA : Lain
DISKOAREN IZENA : Tximeleta hegalariak
Baga Biga, 2015
Rock erritmo indartsuak, doinu mardula eta trinkoa, eta melodia politak eta hunkigarriak entzun daitezke Lain taldearen hirugarren diskoan. Hitzetan, besteak beste, harremanak, istorio pertsonalak, gogoetak, sentimenduak eta sentipenak dituzte hizpide.
Diskoa prestatzen lan handia egin dutela antzematen da kantuak entzunez gero. Grabazio saioak Gaztain estudioetan egin dituzte, Eñaut Gaztañagarekin; Natalia Garmendia (ahotsa), Jon Arruabarrena (saxofoia), Felipe Murillo (biolina), Nerea Lasaga (biolontxeloa) eta Xabier B. Leturia (perkusioa) musikariak ere aritu dira; eta diseinu lanez Josu Torrealday arduratu da. Denen artean, oso lan ona burutu dute.
Lain taldeko kideak oso gazte hasi ziren musikaren munduan. Nerabeak besterik ez zirela hegan egiten hasi ziren. Zure doinu a abestiaren bideoa Youtubera igo eta berehala arrakasta lortu zuten –bat batean 20.000 bisita izan zituen bideoak–, Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten Aukera berri bat abestiarekin 2008an, eta jendaurreko emanaldi ugari egiten hasi ziren. Toki txiki zein handietan: BBK Live jaialdian, Donostiako Aste Nagusian, hainbat herritako jaietan, Bonberenean, zenbait gaztetxetan...
Taldea urte hartan sortu zen Villabonan (Gipuzkoa). Leire Berasaluze (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Jon Altuna (bateria), Imanol Urkola (gitarra) eta Javi Rivero (baxua) izan ziren kideak 2011ra arte, eta denbora tarte horretan bi disko kaleratu zituzten, biak Elkar argitaletxearekin: Lain (2009) eta Leihoak (2011). 2011urtean Mikel Benito (gitarra) taldera batu zen, Leihoak diskoa kaleratzearekin batera. 2013an Imanol Urkolak taldea utzi eta Joseba De Arriba (gitarra) hasi zen, eta hirugarren lana prestatzeari ekin zioten buru belarri.
Oraindik gazteak dira baina ibilbide bat egina eta eskarmentua daukate. Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe abeslarien ahotsak izan dira beti taldearen bereizgarririk nabarmenenak. Hasieratik jo dituzte pop-rock kutsuko doinuak, baina bilakaera izan dute, disko berriko kantuak ez dira hain sinpleak, errazak eta gozoak aurreko diskoetako kantuekin alderatuz, indartsuagoak, landuagoak eta helduagoak dira. Doinuak bezala, hitzak ere aurreko diskoetakoak baino landuagoak daude.
Taldea sendotu egin da, bere doinua indartu, biribildu eta findu egin du, eta hasierako ilusioarekin hegan egiten jarraitzen du kantuen bidez. | news |
argia-33ae78c2b4cd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/udan-kanpora-bazoaz-zer-eraman-botikinean.html | Udan kanpora bazoaz, zer eraman botikinean? | Jabier Agirre | 2015-07-19 00:00:00 | Udan kanpora bazoaz, zer eraman botikinean?
Nazioarteko bidaien maiztasuna gero eta handiagoa da. Krisi ekonomikoa gori-gorian egon arren, %5-7 gehitu dira iaztik hona. Eta bidaien epidemiologia ere aldatu da oro har: behinola nagusi izandako gaixotasun parasitarioek behera egin dute, eta gaitz birikoek, aldiz, gora. Baina kontua ez da beldurra zabaltzea, informazioa ematea baizik, hura baita osasun erremintarik onena.
Kontuan hartu beharreko aurreneko gauza da ea bidaiariak gaixotasun kronikorik ba ote duen. Hala balitz, tratamendua egiteko behar adina hornidura eraman beharko du, izan ere agian doan lekuan botika horiek ez baitira hain erraz eskuratzeko modukoak izango. Eta botikinean txosten medikoak eta errezetak eramatea ere komeni da. Botikak jatorrizko ontzian eraman behar dira, narkotikotzat edo leku horretan debekatutako botikatzat har ez daitezen. Bidaia luze samarra baldin bada, botikak aldean eramatea gomendatuko nizueke, ez maleta barruan edo botikinean txukun-txukun gordeta, gerta daitezkeen era guztietako ustekabeak saihesteko.
Aldez aurreko prebentzioa
Behin gure bidaiaren norakoa erabaki ondoren, komeni da medikuarengana joatea, zer nolako prebentzio neurriak hartu behar diren jakiteko, eta bidaian zehar zer jan-edanek kalte egin diezaguketen argi edukitzeko. Gaur egun txerto ugari daude, nazioarteko bidaiei ekin aurretik jarriz gero, gerta daitezkeen kalteak aurrez eta errotik moz ditzaketenak. Horregatik, txertaketa-egutegiak bidaiariaren adina eta bidaiaren norakoa kontuan hartuta eguneratua egon beharko luke.
Hurrengo aholkua ez da botika bat, zentzu hertsian, baina aditu guztiek osasun-estaldura emango digun bidaia-aseguru bat kontratatzea gomendatzen dute, goazen urruneko leku horretan asistentzia sanitarioaren premian gertatuz gero erabili ahal izateko.
Botikinean, bestalde, eltxoak eta bestelako intsektuak uxatzeko produktu eraginkorrak eramatea komeni da. Lozioak dira eskura dauzkagun produkturik kontzentratuenak; ez dira uretan erraz disolbatzen –hori aldeko faktorea da– baina, aitzitik, lehenago agortzen dira sprayak eta bestelako prestakinak baino. Ebidentzia zientifiko guztiek diotenez, eskumuturrekoek eta ultrasoinuzko gailuek ez dute aparteko eraginik.
Botikinean badira, aurrekoez gain, beste hainbat ezinbesteko botika ere: eguzki-babesak, analgesikoak eta antiinflamatorioak –sukarra, buruko mina edo min muskularrak agertuko balira–, lehen sendaketak egiteko aposituak, azaleko baben kontrako partxeak, tiritak, eguzki-erreduren kontrako kremak, antihistaminikoak –inoiz alergia arazoren bat eduki baldin baduzu–, eta kortisona duen kremaren bat, larruazaleko ziztada edo erreakzio alergiko arinak tratatzeko. Ahotik errehidratatzeko gatzak eta bidaiariaren beherakoaren kontrako antibiotikoren bat gehitzea ere ez legoke gaizki, goazen leku horretan elikadura kontuak zorrotz bete ahal izango ditugulako segurtasun osoa ez badaukagu behintzat.
Eta bidaiatik itzulitakoan...
Bidaia exotikoren batetik bueltan sukarra agertuko balitz, ez da zalantzarik ere egin behar: larrialdi medikotzat hartu behar da. Larrialdietako zerbitzu batera jo behar da, aurreneko hamabi orduetan ahal izanez gero, eta bertan artatuko gaituen medikuari adierazi zona tropikal edo endemiko batetik gatozela, malaria arriskua saihesteko batez ere.
Etxera itzulitakoan ez bada sukarrik agertzen, ez dago zertan osasun azterketa berezirik egin. Hala ere, denboraldi bat normal pasatu ondoren gaixotzea, kanpoan egindako egonaldia luzea izatea edota bertan arrisku jarduerak egin izana lirateke osasun azterketa egiteko arrazoi bakarrak. | news |
argia-ee7f32d844c4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/harrak-har.html | Harrak har | Jakoba Errekondo | 2015-07-19 00:00:00 | Harrak har
Baratzean lagun kuadrilla ikaragarria dugu. Zorri eta kotxinila janez egiten duen garbiketa asarrea dela eta, amona mantangorria hizpide izan dugu azkenaldi honetan. Ez da bakarra, ordea, ezta bakana ere. Antzeko lana egiten duen lagun mordoa dugu.
Ipurtargiaren kumearen dieta baratzezainaren gustukoa da: bareen eta barraskiloen kumeak janez hazten da. Kume kumejaleak. Ipurtargitxoak listu berezia sortzen du; harekin baretxoak eta barraskilotxoak sorgortzen eta desegiten ditu. Ondoren, koitadutxoak lasai asko xurgatuko ditu, xurrup. Karaboak ere jaten ditu bare eta barraskilo ttikiak. Berehala ezagutuko duzu intsektu hori: gainaldea distiratsua, metalezkoa balitz bezalakoa du. Handia da, eta proportzioan jan behar, ttiki horiez gain har, beldar, krisalida, pupa, ninfa... asko behar.
Zimitza da beste intsektujale aseezin bat: har, zorri, akaro... Josu Larrañagak bere Natura eta Euskara, paisaiaren bi alderdi blogean izen pila jaso zuen, eta zimitza izenaren etimologiaz dio J.A. Mogelek,1802. urte inguruan idatzitako Peru Abarka eleberri txukunean, etimologia bitxi hau eman zuela: "Tximitxa edo imitxia esaten da tximurtxi, edo imurtxi egiten dabelako".
Satitsuak ere asko behar du bizimoduari eusteko. Bere pisua adina jaten nahikoa lan badu: intsektu, barraskilo, bare... Asko dagoen tokietan bizi behar, bestela jai.
Trikua ere bereziki zaindu beharko genuke baratze inguruan. Bere gautxori ibilaldietan batez ere barraskilotxo, bare, ipurtsarde, har eta intsektuen buxkan arituko da, usaimen aparta baliatuz.
Satitsuak triku eta zimitzak ipurtargi, baratzeko laguntzaile onenak hegaztiak dira: irriu, pirripio, txinbo, urretxindor, zata, argo-oilar, amilotx, saguzar, zozo, birigarro, artzandobi, txantxangorri, mika, eskinoso... Azken horien familia batek, adibidez, udaberri-uda sasoi batean, bestela intsektu bihurtuko liratekeen milioi erdi bat har jaten du. Harrak habietako mokoetara.
Armiarmak ere lagun dira. Sarea egiten dutenak, eta egiten ez dutenak ere. Sarean, hegan doan eltxo, zorri... Denetik biltzen da. Saregabeak zortziankan korrika segitu eta gainera salto eginda harrapatuko ditu intsektuak. | news |
argia-d9879900eccb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/nikolas-blain.html | "Iparraldearen alde edo kontra, ez dago erdibiderik" | Mikel Asurmendi | 2015-07-19 00:00:00 | "Iparraldearen alde edo kontra, ez dago erdibiderik"
Baiona, 1988. Makeako Herriko Etxeko hautetsia da. Batera plataformako bozeramailea. Hautetsien Kontseiluaren gehiengoak Ipar Euskal Herriko egitura bakarraren alde bozkatu du uztailaren 1ean. Hil honen 6an, berriz, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko lau auzapezek Kontseiluaren erabakiaren aurkako agiria plazaratu dute: "Nola ote da posible manifestaldietan parte hartzea eta orain kontra agertzea?", erran digu solaskideak.
Herri arteko Lankidetza Erakunde Publiko (HELP) bakarra antolatzearen kontra agertu dira Miarritzeko Veunac, Bidarteko Alzuri, Bokaleko Gonzalez eta Angeluko Olive auzapezak, egitura bakarra "gobernaezina" dela argudiatuz. Nikolas Blainekin solastatu ginenean, auzapezen agiria ez zen publikatua. Baterako bozeramailearekin mintzatu gara kari horretara berriz ere: "Nola ote da posible, manifestaldietan parte hartzea Lurralde Kolektibitatearen alde, eta orain kontra agertzea? Bizi garen fasean bi jarrera hartzen ahal dira: Ipar Euskal Herriaren alde edo kontra, baina ez dago erdibiderik. Molde demokratikoan eta gehiengo zabalak adostutako bidea urratu behar da. Azken hilabeteetako eztabaidetan parte hartu dutenen jarrera hori onartezina da". Horiexek, lau auzapezen agiriari buruzko Blainen hitzak. Horien aitzinetik ukan genuen elkarrizketa segidan.
Zertan ari da Batera plataforma? Irudi luke bere zeregina hoztu dela.
Irudi lezake, baina ez da horrela. Azken hamar hilabeteetan ez da publikoki agertu, baina barne lanetan ari gara gogotik: Garapen eta Hautetsien kontseiluekin, Merkataritza Ganbararekin eta Herrien arteko Biltzarrekin. Laster aterako gara plazara.
Ipar Euskal Herriko egoera politikoa Bateraren ildoen alde al dago?
Bai. Eta ez bakarrik abertzaleek bozetan lortutako emaitzengatik, gainerako alderdietan jakobinoa ez den ildoa nagusitu delako baizik. Jakobinoak ez dira haien karguetan, ez nagusiki bederen. Haustura gisako bat eman da. Gaur egun, 110 auzapezek Bateraren aldarrikapenak babesten dituzte, eta hauteskundez hauteskunde kopurua goiti ari da
Departamenduaren aldarrikapena egitetik Lurralde Kolektibitatea egitera aldatu zen. Orain berriz, Herri Elkargoa eskatzen da. Herritarrak jabetzen al dira aldaketen arrazoiez?
Ene irudiko, bai. 2010eko kontsultan 35.000 pertsonek parte hartu zuten. "Lurralde Kolektibitatearen alde edo kontra al zara?", galderari baikor erantzun zioten. Bihurgunea hor eman zen. Ondoren, foro publikoetan pedagogia landu dugu biziki. Anartean, 2013an, ekimena Baionako eta Mauleko karriketara eraman genuen milaka jende bilduz. Alabaina, Jean-Marc Ayrault lehen ministro ohiak "Frantzian ez da estatus bereziko instituziorik sortuko", erran zuen. Frantziako Gobernuak ez dio Lurralde Kolektibitateari bide eman nahi izan, ezezko biribila etorri zen Paristik. Parisekin indar lehian segitzea edo egungo zuzenbide publikoaren bidez gure eskakizunei erantzuteko dauden aukerak baliatzea aztertu genuen. Baterako kideok Herri Elkargo bakarra osatzea lehenetsi dugu Ipar Euskal Herria politikoki egituratzeko. Lurralde Kolektibitatearen xedea atxikiz betiere, egitura hori baita eskaera demokratikoena, jendearentzat ulergarriena.
Aldian aldiko gobernuek euskaldunen eginbidea oztopatzen dute.
Baikor izan nahian ere, egungo testuinguruan, Lurralde Kolektibitatea ez dugu 25 urtetan lortuko. Jean Grenet auzapez jakobinoak erraten zuenez, "lehen alderdia Frantzian ez da eskuina edo ezkerra, jakobinoa baizik". Beraz, ez da alderdi afera. Parisko Asanblea Nazionalean jakobinoek osatzen dute gehiengoa. Euskal Herria hitza agertzen delarik bidea blokeatzen dute. Debatean ez dute parte hartzen, baina kontrako boza emateko agertzen dira Asanblean. Argi dago, ez dute Euskal Herria erakundetzerik nahi.
Herri Elkargoak Ipar Euskal Herriaren erakundetze modua ekar lezake?
Herri Elkargoa lehen urratsa da. Egitura horrek gabeziak ditu, noski. Kontzienteak gara alimaleko mugekin topo eginen dugula. Frantziako zuzenbide publikoaren ildoko egitura instituzional hauek 20 urte baino ez dute. Orain ari dira egonkortzen nolabait. Alabaina, guk instituzio gisako hori haztatu eta baliatu behar dugu. 158 herri gara eta lurralde proiektu koherentea egituratzeko gauza garela frogatu behar dugu. Hasteko, barnealdea eta itsasaldea biltzeko eta orekatzeko. Euskarak eta euskal kulturak egitura baten beharra duela erakusteko.
Uztailaren 1eko Hautetsien Kontseiluko Biltzar Nagusiaren ondoren zein da ikaspena? Zein da zeregina?
Frantziako zuzenbideari atxikiak diren eginbideak atzeman behar ditugu hemengo egitura instituzionala eratzeko. Gobernuak mandatu hori eman dio Paueko prefetari. Ipar Euskal Herriarendako bitarteko instituzionalak zerrendatzeko agindu dio Prefetari. Prefetak lauzpabost proposamen egin ditu. Horiek NOTRE legearen ildoan garatzen ari den lurralde erreforman daude, Herri Elkargoaren antolaketa bidera dezaketenak. Herri Elkargo bat osatzeko 5.000 biztanle behar izan dira orain arte. Uztailean bozkatu den testuaren arabera, 2017 urtetik aitzina 20.000 beharko dira. Hori da Iparraldearendako aldaketa nagusia. Izan ere, orain hamar Herri Elkargo daude: bi aglomerazio eta zortzi herri elkargo. Alta, hamar horietatik zazpik ez dute betetzen 20.000 biztanleren heina. Une honetan, elkargoen mapa aldatzeko lanean ari da prefeta. Gure xedea, hamar herri elkargo horien ordez, Herri Elkargo bakarra osatzea da.
Prefetak lagundu dezake horretan?
Prefetak Herri Elkargoaren bidea urratzea ontzat hartu du. Hartaz, egungo hamar elkargoak desagertuko lirateke. Ikusi beharko da datozen 5-10 urteetan nola antolatzen den sortuko litzatekeen egitura berria, egun tokian toki dauden egituretatik tanpez ez mozteko, herri elkargo horiek desagertzen joanen baitira. Herriko Etxeek osatu behar dute Herri Elkargoa, zuzenbide publikoaren arauarekin bat eginez.
Zein izan daitezke trabak edo gabeziak Herri Elkargoa osatzeko bidean?
Gabeziak edo akatsak gobernantzaren inguruan agertzen dira bereziki. Hauek dira galderak: nor izanen dira hautetsiak? Nolakoak hautetsien eskumenak. Nola antolatuko da fiskalitatea? Egun ez gaude horien erantzunak zehaztasunez finkatzeko gisan. Hautetsi batzuek ordea, xehetasun eskas horien aitzinean, kontra bozkatzen dute eta proiektua blokeatzen. Jarrera oso arriskutsua da. Beren jokamoldea ez dugu argi ez lagungarria ikusten.
Blokeatzeko arriskua dago, beraz?
Bai. Prozesuaren une erabakigarri honetan ez bada Herri Elkargo bakarraren asmoa abiatzen, beste aterabide bat bilatuko dute. Hiru Elkargo antolatzea, adibidez. Prefetak hori esan du. Gure lurraldea horrela egituratzen bada, arriskua izugarria da. Itsasaldeko aglomerazioek gaina hartuko baitute, Bordelerekiko harreman zuzena haiek landuko dute. Eztabaida arras politizatu da. Lurraldearen antolaketa biztanleen kopuruaren arabera egiten bada, kostaldeko oraingo herri elkargoek sos gehiago bilduko dute barnealdekoek baino, eta barnealdeko herri elkargoak bigarren mailan geratuko dira.
Hiru herri elkargo sortuko balira, ez litzateke instituzio bateratua izanen.
Herri Elkargoa A plana da. Hori gauzatuko ez balitz B plana legoke: hiruzpalau herri elkargo. B plana gauzatuko balitz, aglomerazioko hiri handien arteko koordinaketa gisako bat antolatu lezakete. Gu horren kontra gaude, Sindikatu Misto baten egituraren estatusa hartu zezakeelako. 2010ean baztertua izan zen bide hori. Sindikatu Mistoak ez baitu eskumenik, ez du dirua kudeatzen, ez du fiskalitaterik. Egitura hori, ahulegia delako baztertua izan zen. Gure geroa geure esku hartzeko ez dauka funtsik. Baterakoek ez dugu hori egoki ikusten. Prefetak dioenez, Herri Elkargo bakarra ala hiruzpalau herri elkargo. Arriskua hortxe dago, barnealdea –baserri mundua– gibelean geratzeko arriskua barne.
Bi aglomerazioko (Angelu/Miarritze eta Donibane Lohizune/Hendaia) auzapezak ez ziren hautetsien azken Biltzar Nagusian izan. Ez da seinale ona.
Prefetak Herri Elkargo bakarra osatzeko aglomerazioen estatutua edota estatusa baliatzea lehenesten du. Prefetak aglomerazioetako auzapezei beren estatutua eta egitura 158 herrien artean partekatzea proposatu die. Nik ulertzen dut proposamen ausart eta kaltegarria izatea gaur egun dituzten bitartekoak bestekin partekatzea. Horregatik irtenbide bat xerkatu behar da. Egituratze prozesuan ari diren adituek ez baitute baztertzen Hiri Gunea egitura antolatzea. Eta kasu, Baiona eta Donibane inguruko bi aglomerazioetako hautetsiek ez liokete aterabide horri uko eginen.
Departamenduko buru Jean-Jacques Lasserrek zabaldu den prozesuarekin dudak dituela dio. Alta, Hautetsien Kontseiluko burua izan da berriki arte.
Lasserrek ez du parte hartu uztailaren 1eko bozketan, baina han zegoen. Irudiz, Departamenduko buru izateak zailtasunak ekartzen ahal dizkio, alta, Hautetsien Kontseiluko lehendakaria izana da. Orain arteko gogoeta guztiak bere kargupean garatu ditugu. Lurralde Kolektibitatea proposatu genuenean hautetsien burua zen. Nik orain galdera hau pausatuko nioke: "Euskal Herriaren aldeko egitura bakarraren aldekoa al zara, bai edo ez?". Dudak dituela? Azken hilabeteetan ez da Hautetsien Kontseiluko buru zelarik mintzo ohi zen bezala agertzen. Agian, orduan ez zen guztiz konbentzitua, prozesu politiko honetan interesez sartu zelako. Nolanahi ere, orain bere jarrera argitu behar du, baita, koherentea bada, lehen zeukan iritzi beraren alde agertu ere. Gaur egun jokoan dena alderdiaz haratago dago, norberaren karrera politikoaz haratago. Lasserrek gisa horretara gogoetatu behar luke. Irudiz, blokeatuta dago. Alta, zirt edo zart egin behar du. | news |
argia-8925b2537164 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/herri-botoak-eta-gero-hau.html | Herri botoak eta gero hau! | Bixente Serrano Izko | 2015-07-19 00:00:00 | Herri botoak eta gero hau!
Sanferminetako bezperaren bezperan nago, desberdinak izanen direlakoan aurtengoak. Aspaldiko ene ohituran jarraituko dut halere: Iruñetik kanpo bizi izanen ditut, nahiz eta ohiko arrazoiengatik ez izan. Opor egun lasaiagoak pasatzera ihes egin ohi diet sanferminei aspalditik, lan beharrak behartuko nau aurten Iruñetik aldentzera.
Baina sanferminak beraiek desberdin hastear daude, zorionez. Guztiz desberdin ez, alta. Ez behintzat nik neuk nahi bezain desberdin. Alkatearen agerpen instituzionala prozesioan, adibidez. Zezenketetan, udal lehendakaritza, adibidez. Desilusionatu agertu zitzaidan atzo ene betiko lagun bat prozesioaren kontuan. Zezenketei buruz hitzik ez egin arren, seguru nago gai horren inguru ere berdin uste duela. Erakundeetatik egin beharreko lan pedagogikoa aipatu zidan. Aldakuntzak, bai, sakon eta sendo izan behar duela, eta horretarako urrats neurtuetan ibili behar, baina populismo mota batzuei, klerikalismoari adibidez, men egin gabe, teorian behintzat konstituzional den laikotasunaren (erlijio eta estatu arteko bereizketaren) joko-zelaian arituz. Ados ni, pedagogia lanbide izan dudanaren aldetik, ene lagunak oraindik ere duen bezala, baina baliabide eta agertoki desberdinetan ibiliak biok: ertaineko irakaskuntza publikoan ni, adin eta mota guztietako irakurleei begira argitaratze lanean dabil laguna.
Zaila bada pedagogia kontua eskolan, are zailagoa kalea, hiria bera denean eskola, adin eta tradizio eta formakuntza eta aurreiritzi eta mito eta gustu eta interes guztietakoek osaturiko gizarte oso bati begira jarduteko orduan. Ikasgelan, ezin irakatsi nahi genituzkeen ikasgai guztiak lehen egunean. Pedagogia prozesu bat da, luzea, neurtua, lehentasunak eta urrats bakoitza nola edo hala planteatu beharrekoa. Eskolan. Are gehiago kalean, hain zuzen ere umeak ez direlako herritarrak.
Aspaldi ezagutzen dut gure alkate berria, hainbat jardunetan kide izan gara, elkarrekiko estimukoak. Ez nion botoa eman, baina pozak bete ninduen Joseba Asiron zerrendaburu agertzen ikustean, agertze horrek berak ene ildoko ez ziren hautagaitzetan ere zerbait aldatzen ari zela adierazten zuelako. Eta poztu nau, ene kutuneko hautagaia haren atzetik gelditu denez, Asiron alkate ikusteak. Ene konfiantza osokoa dut, II. Errepublikatik hona Iruñeko alkaterik onena izanen delakoan. Prozesio eta zezenketa kontuen despit (oi Hemingwayk egin ziguna!). Pedagogia sendoak urrats txikiak eskatu. | news |
argia-58c52a40a2a6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/hemen-naiz-ez-gelditzeko-baina.html | Behin bestaldean zer? | Saioa Ruiz Gonzalez | 2015-07-19 00:00:00 | Behin bestaldean zer?
Markel Ormazabal:: Hemen naiz, ez gelditzeko baina
Txalaparta, 2014
Mitxel Sarasketaren gogoeta bortitz batekin abiatzen da Markel Ormazabalen kartzelako kronika: "Preso egon denaren gogoa gartzelara itzultzen da beti (…) batzuetan faltan botatzen dut kartzela" (9.orrialdean). Inoiz Preso izan ez garenok –eta maiuskulaz darabilt preso hitza, zoritxarrez, kolektibo baten memoriaren adierazle delako– urrunetik ere ezin uler dezakegun erreflexioa da Sarasketarena.
Lisabö taldearen kantu batean oinarritzen den tituluak, Hemen naiz, ez gelditzeko baina , martxan jartzen du liburuan hezurmamituz joango den problematika nagusietariko bat. Kartzela izeneko mundu horretan, idazle preso ohiak gizarteko angelu itsua deitzen duen horretan, hizkuntzaz, izenaz eta izanaz erauzia da gizakia ez gelditzeko baina . Bestela esanda, kartzela barruan biziarazi eta iraunarazteko nor izatetik zer izatera egin beharreko ezinbesteko ariketa burutu ondoren, alderantzizko prozesuari ekiteko zailtasunari aurre egin behar dio preso ohiak: "Eta, oraindik ere kartografia horrek bizi nau. Bihotz barruan betirako kondenatua?" (11. orrialdean).
Atal laburrek bizipen eta esperientzia pertsonal baten usaina darie "Ta estali dut ahoa, ta orain taupadak dira" (12. orrialdean), baina kolektibo baten memorian eraikitako diskurtsoa da nagusi; ziegak, pasabideak, hormak, leihoak eta orotariko erreferentzia espazialen bitartez, subjektu kartzelatu baten erabateko anulazio prozesuaren lekuko bilakatzen gaitu, "t-a eta n-a kenduz, eta r-a eta e-a kenduz aldatze hutsarekin beste izaki bat" (60. orrialdean), pertsona tik presoa rako prozesuarena hain zuzen ere.
Hemen naiz, ez gelditzeko baina k collage baten itxura hartzen badu ere, hiru galderatan formulatu daitezkeen hiru atal nagusi antzeman ditut: 1) Nola egin izanaz eta izenaz erauzia izan ostean berriz subjektu izatera igarotzeko? 2) Nola egin hizkuntzak mundua esplikatzeko jada balio ez digunean? 3) Nola egin subjektu kartzelatutik kartzela subjektura igarotzeko?
Galdera irekiak, baina erantzunik gabekoak. Biltzen diren erreferentzia musikalak, agian, lagungarri suerta daitezke taupada bakoitzari melodia eransteko momentuan. Ezin da ulertu, partekatu baizik. | news |
argia-c2ebd8c176f3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/jabi-lauzurika-hil-da.html | Jabi Lauzurika hil da | unknown | 2015-07-19 00:00:00 | Jabi Lauzurika hil da
Uztailaren 4an hil zen Jabi Lauzurika ezustean. Arrosan (Nafarroa Beherea) mendi buelta ematera aterata. Durangarra zen sortzez eta Bilbon bizi zen. Euskalgintzan eta bertso munduan oso ezaguna zen Lauzurika, batik bat Bilbo inguruan. Bizkaiko hiriburuko Kafe Antzokiaren eta berau kudeatzen duen Zenbat Gara elkartearen sorreran hartu zuen parte. Azken urteetan, Gabriel Aresti euskaltegiko irakaslea zen eta Bilbo Hiria Irratiko esataria ere bai. Potojorran bertso eskolako kidea ere bazen.
Uztailaren 9an omenaldia egin zioten Kafe Antzokian. | news |
argia-1bb5a849cc6a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/rafael-adan-asociacion-berciana-da-lingua-xarmenta-ko-kidea.html | "Bierzon adineko jendearekin batera ari da galtzen galegoa" | Miel Anjel Elustondo | 2015-07-19 00:00:00 | "Bierzon adineko jendearekin batera ari da galtzen galegoa"
Ez alferretan, egunkaria irakurtzen ari dela ikusi dugu Rafael Adan. España y sus lenguas du testuak izena eta, "Espainiako gobernuak lau hizkuntza ofizialak defendatu beharko lituzkeela dio, baina ez dut sinesten, guztiekikoa egin nahi bat besterik ez da,
taktika modu bat". Bilbon eta Gasteizen izan da EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak gonbidaturik, galegoaren irakaskuntza Bierzon (Leon, Espainia) zertan den azaltzen.
Galegoa Galiziatik kanpora, Gaztela-Leongo erkidegoko Bierzon…
Bertako hizkuntza naturala delako galegoa, Ourensen bezain naturala! Jakina denez, latinaren eboluzioak galego-portugesa garatzera jo zuen lurralde horretan, eta hizkuntza horrek gaur arte iraun du bertan. Kontua da Bierzo ez dagoela Galiziako administrazioaren mende, eta bertako bizilagunek ez dutela hizkuntza horren eskubiderik, eta ikusgarritasuna ere galdu dutela. Edozertarako ere, balio instituzionala arras galdua du galegoak Bierzon: ez osasun sisteman, ez udal zerbitzuetan, ez hezkuntzan, galegoak ez du lekurik izan Bierzon.
Gaur egun badu nola-halakoa.
Bai. 2001ean akordioren baten beharra ikusi zuten Gaztela-Leongo Juntak eta Galiziako Xuntak, ikusirik beren administrazioaren peko ziren zenbait lurralde zatitan hiztunak galegoz mintzatzen zirela. Ondorioz, galegoa sustatzeko akordioa sinatu zuten. Nahi izanez gero, erantzun politikoa eman zioten hainbat organizaziok egiten zuten presioari. Izan ere, galegoa galtzen ari ziren Bierzoko belaunaldi berriak, eta beraz, neurriak hartu beharra zegoen. Orduan, onena galegoa eskolan erakustea zela pentsatu zuten, eta horretan hasi ziren, Bierzon ez ezik, baita Sanabrian (Zamora) ere.
Zein bide egin da ordutik hona?
Ez askok nahi beste, baina zerbait egin da. Galegoa Bierzoko eskoletan irakasten hasi ziren, eta hori urrats bat izan zen. Beste urrats bat izan zen, adibidez, 2007an, Gaztela-Leonek onartu zuen estatutuaren erreformak adieraztea galegoa –eta leonera–, errespetatu eta babestu egin behar direla hizkuntza horiek hitz egiten diren komunitateetan.
Legea betetzeko borondate politikoa behar, ordea.
Ez betetzekotan, alferretan da. Hara, aspaldi, galegoa Bierzon prestigiatzeko neurri inportanteenetakoa izan da eskualdean Galiziako telebista ikusi ahal izatea. 80ko hamarkadan hasi zen emititzen Galiziako telebista, eta eragozpenik gabe ikusi ahal zuten Bierzon. Bada, bertako bizilagunek ikusi zutelarik beraiek hitz egiten zuten moduan mintzo zirela pantailan esatariak, balioa eman zioten. Baita balio praktikoa ere: eguraldi iragarpenaren berri izan nahi zuen adineko jendeak, adibidez, Galiziako telebistara jotzen zuen zuzenean. "Zer eguraldi izango dute Lugon eta Ourensen? Horixe izango dugu hemen ere!", zioten Bierzon. Espainiako telebistari begiratuz gero ez zegoen jakiterik! Eguraldiarekin batera, marrazki biziek ere garrantzi handia izan dute, haurrek haiek kontsumitzen baitituzte. Eta musika saioak ere ez dira bazter uztekoak, Bierzoko musikari askok Galiziako telebistan izan baitute musika jotzeko aukerarik behinena.
2001ean galegoa Bierzoko eskoletan irakasten hasi ziren.
Gaztela-Leongo Juntak eta Galiziako Xuntak protokolo bat sinatu zuten, galegoa hautazko ikasgaitzat sartzeko irakaskuntzan. Haur eta Lehen Hezkuntzan, esaterako, halako ikasgai jakin bat galegoz edo gaztelaniaz jasotzeko hautua egin dezake ikasleak. Bigarren Hezkuntzan, Gizarte arloa galegoz ikastea aukeratzeko modua du, eta horrekin batera, DBHko 4. urtean, Galiziako hizkuntza eta kultura ikasgaia du hautazkoetan. Gaur egun, bestalde, Batxilergoko bi kurtsoetara luzatu da Galiziako hizkuntza eta kultura ikasteko aukera.
Bide-seinale gaztelaniazkoak zirriborraturik eta galegoz zuzendurik ageri dira.
Galegoaren normalizazioa helburu duen jendearen ekintza da, bistan da –errebeldia ekintza, nahi baduzu–, agerian utziz Bierzon badela gaztelania ez beste hizkuntza bat. Toponimia txikian ere garbi ageri da hori. Dokumentuak gaztelaniaz idatzirik dauden arren, horietako lursail izenak galegozkoak dira. Zenbait kasutan, toponimia txiki hori gaztelaniatzeko zantzuak ere ageri dira. Eskualdean bizi den jendearen ahotan herriaren izena Vilafranca do Bierzo izanagatik ere, Villafranca del Bierzo ageri da beti dokumentu idatzi guztietan. Azkenean, jendeak uste du horixe dela egiazko izena, eta ez du besterik erabili ohi.
Bada galegoa aitzinatzeko bestelako ekimenik Bierzon?
Askok ez du ezer egin nahi galegoaren normalizazioaren alde, gauzak bere horretan nahi ditu, nahiz galegoz mintzatzen diren. Maila instituzionalari dagokionez, gure elkarte Asociación Berciana da Lingua Xarmentarekin, esaterako, udalek beti erakutsi dute jarrera ona, izan PP, PSOE edo Ezker Batuko udal gobernuak. Aldiz, udalerri mailako erakundeak baino gorago jo izan dugunean, egin diguten harrera inoiz ez da hain suharra izan. Bestalde, instituzio horiek ekimenik ez dute, gu joan behar gara eske.
Populazioaren herena da galego hiztuna Bierzon.
Baina azterketa zorrotzik ez dugu, eta beharko genuke zehatz jakin zenbat jendek hitz egiten duen galegoz Bierzon. Eskatu ere izan diegu azterketa hori egiteko bai Galegoaren Akademiari bai Gaztela-Leongo Juntari, baina oraindik ez da horrelakorik egin. Uste dugunez, Bierzon adineko jendearekin batera ari da galtzen galegoa. Adinekoak hitz egiten du galegoa gehienbat, ez belaunaldi berriek. Galizian atzera galegoa, eta hainbat atzerago Bierzon, hemen ez baita hizkuntza ofiziala ere. | news |
argia-b89f1a0d6d1e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/francok-petrolio-sintetikoa-irentsi-zuenekoa.html | Francok petrolio sintetikoa irentsi zuenekoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-07-19 00:00:00 | Francok petrolio sintetikoa irentsi zuenekoa
Bartzelona, 1940ko otsailaren 8a. La Vanguardi a egunkariaren azalean titular hau irakur zitekeen: "Autarkia nazionala erregaietan". Eta azpian: "Zortzi hilabete barru Espainiak egunean hiru milioi litro petrolio ekoiztuko ditu". Gerraoste hasi berrian, urritasuna nabarmena zen arlo guztietan, baita erregaietan ere. Eta badirudi caudilloa bereziki sinesbera zela egoera larri horretan. Etsi-etsian, besteak beste, uraren bidez funtzionatzen zuten motorrak etorkizuna erraztuko zuela sinestarazi zioten, eta izurde haztegiek gosea arinduko zutela. 1939an, Francok estatua pobreziatik aterako zuten urre eta petrolio hobiak aurkitu zituztela ere iragarri zuen hainbat hitzalditan. Baina 1940. urtea iritsi zen, eta mirarizko konponbide horien arrastorik ez zegoen. Orduan, Albert Elder von Filek Austriara iritsi zen Madrilera, mundua aldatuko omen zuen formula sekretua besapean.
Elder Von Filekek estatuburuarekin biltzea lortu zuen, eta losintxaz eta miresmen hitzez limurtu zuen diktadorea. Ura landare-estraktuekin eta, nola ez, ezagutzera eman ezin zuen osagai sekretu batekin nahastuta, petrolio sintetikoa erraz eta merke ekoizteko gai zela esan zion. Erakustaldi moduko bat ere egin zion; Francok erabiltzen zuen autoa bera erregai horrekin funtzionatuarazi zuen, itxuraz –berez, Francoren gidaria konplize egin zuen–. Lehengai merkeak erabiliz, hilabete gutxian eguneko hiru milioi litro erregai ekoiztuko zituzten eta, hala, estatuak ez zuen petroliorik inportatu beharko. Handik aurrera, austriarraren formula harrigarriari esker Espainiak aukera garbia zuen munduko potentzia nagusietakoa izateko.
Jakina, petrolio multinazionalak atzetik omen zituen Elder Von Filekek, baina hark ez zuen dirurik eskatzen; Francoren erregimenaren hotsandia zen nahi zuen ordain bakarra. Eta, hala, erregaiaren sekretua musu truk emango zion.
Gainera, Franco bolada oneko zegoen. Austriar asmatzaileak Jarama ibaiko ura sakon aztertu zuen; ezin hobea omen zen erregaia lortzeko. Beraz, petrolio berria ekoizteko instalazioentzat kokagune aproposa izan zitekeen hura. Eta jarduera abiarazteko inbertsio txiki bat beharko zen. Horrenbestez, ordain materialik eskatzen ez zuen asmatzaile eskuzabalari Jarama ertzeko hainbat lur eremu eta hamar milioi pezeta –garai hartan, dirutza– eman zizkion Espainiako Gobernuak.
Denborak aurrera egin eta erregai miragarririk ezean, Elder Von Fileken iruzurra agerian geratu zen. Hura eta Francoren txoferra espetxeratu zituzten, eta handik aurrera ez zen haien berririk izan. Gaiari buruz aurrez argitaratutako guztia desagerrarazteko agindua eman zuen diktadoreak. Baina La Vanguardia ko hemerotekan gertatutakoa xehe-xehe azalduta gorde da. | news |
argia-226c16c7ed8f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/alan-lomax.html | Euskaldunak kantari grabatu zituen ikertzailea | Miel Anjel Elustondo | 2015-07-19 00:00:00 | Euskaldunak kantari grabatu zituen ikertzailea
100 urte dira aurten Alan Lomax (Texas, AEB, 1915) jaio zenetik. Folk musika biltzen jardun zuen bizi guztian, eta milaka grabazioren artean, Euskal Herrian egindakoak ageri dira haren artxiboetan.
Bi disko dira, bilduma handi baten aleak: The Basque Country: Biscay and Guipuzcoa , eta The Basque Country: Navarre . Biak ere Espainian grabatutako musika bildumaren barruan ageri dira, eta Alan Lomax dute egile, munduko folka biltzen bizia eman zuen ikertzailea. AEBetan jaioa, bertako musika tradizionala ez ezik han-hemengoa ere batu zuen Europan, joan den mendeko 50eko hamarkadaren hasieran, dela Italiakoa, Erresuma Batukoa edo Espainiako Estatukoa. Ez zuen lan nekea izan. Idatzirik utzi zuenez, "alderrai ibili nintzen hilabeteetan eta inoiz ez zitzaidan zail gertatu herrietako kantari eta musikari onenak aurkitzea, denek ezagutzen baitzituzten". Ordurako, dena den, gisako lanetan bide ikaragarria egina zuen Lomaxek, XX. mendeko folk musika biltzailerik handienetakoak.
Kolorerik gabe, zailago da Lomax definitzen, diren eta ez diren arloetan barna ibili baitzen. Folklorista, etnomusikologo, artxibogile, idazle, irakasle, politika ekintzaile, ahozko historiagile eta zinemagile izan zen. Grabazioak, kontzertuak eta irratsaioak gauzatu zituen hala AEBetan nola Erresuma Batuan, 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan, folk mugimenduari alimaleko bultzada emanez. AEBetako presidente Franklin Delano Rooseveltek 1932an abiarazitako New Deal garaian berriz, Alan Lomaxek milaka kantu grabatu zituen aluminio eta azetatozko diskoetan Kongresuaren Liburutegiko Amerikako Folk Kantuaren artxibategirako. Lehenik, aitari laguntzen lan egin zuen, hau da, John A. Lomax folklorista eta bildumagilearekin. Hamazazpi urte zituela lagundu zion lehenbizikoz folk kantuak biltzen: American Ballads and Folk Songs (1934) eta Negro Folk Songs as Sung by Lead Belly (1936) lanetan, hain segur. Harrezkero, beste zenbait lankide eta kolaboratzailerekin jardungo zuen Alan Lomax gazteak: Floridan eta Bahametan izan zen 1935ean eta, 1937an aldiz, Texaseko Unibertsitateko Elizabeth Harold Goodman ikaslearekin ezkondu eta Haitin, Alabaman, Apalatxeetan eta Mississippin egin zituzten folk musika grabazioak.
1937tik 1942ra bitartean, Kongresuaren Liburutegiaren Folk musika Artxibategiko laguntzaile arduraduna izan zen, eta erakundearen asmoari jarraiki, landa-lana bultzatzeko eginahalak egin zituen. Ahozko historiaren aitzindarietakotzat jo izan da Lomax, eta folk eta jazz musikari anitz entrebistatu zituen. Bera izan zen kalean pasaeran oinezko arruntak elkarrizketatzen hasi zen lehena. 1941ean, lanpostua baliatuz, telegramak igorri zizkien AEBetako hamar estatutan barrena ari ziren landa-langileei, iritziak bil zitzaten Pearl Harbor-eko bonbardaketaren eta ondoko gerra deklarazioaren gainean. Hurrena, berriz, 1942an, Dear Mr. President izeneko elkarrizketak batu zituen, jendeari iritzia galde. Hitz bitan, 1939tik 1942ra Alan Lomaxek sasoi betean jardun zuen musika bilketan, eta Bigarren Mundu Gerra garaian ere, armadan zelarik, musika eta gerra lotzen zituzten hamaika irratsaio burutu zituen. Sona eta aipu handiko, adibidez, The Martins and the Coys , Ingalaterran BBCk emititu zuena. Woody Guthrie, Burl Ives, Pete Seeger eta beste hainbaten musika haizatu zituen BBCren saioak, nahiz eta AEBetan ez zen inoiz emititu.
1942an, Kongresuaren Liburutegiari diru-laguntzak kendu zizkioten garaian, Lomaxek bere gisa segitu zion bideari, eta Ingalaterran, Irlandan, Kariben, Italian eta Espainian ere ibili zen bilketan. Ordurako, grabatzeko teknologiarik berrienaren jabe zen Alan Lomax, eta ikaragarrizko bilduma osatu zuen, hala AEBetan nola handik kanpo.
Sorgin ehizatik ihesi
1949an sorgin ehiza AEBetan. Komunismoa zen aitzakia. Hurrengo urtean, giroa gori, FBIko agente izandakoen Red Channels panfletoak artista eta kazetarien zerrenda gorri-beltza zabaldu zuen, non komunismoari sinpatia omen ziotenen izen-deiturak lau haizetara zabaldu baitziren. Bertan ageri ziren izenen artean, Leonard Bernstein, Burl Ives, Dorothy Parker, Pete Seeger, Josh White… eta, bistan da, Alan Lomax.
Uda hartan, McCarran legea eztabaidatzeari lotu zitzaion Washingtongo Kongresua. Horren arabera, subertsibo guztiak erregistratuko ziren –fitxatu, argotean– eta hatz-markak bilduko zitzaizkien, bidaiatzea mugatuko zitzaien, eta "larrialdi" kasuetan atxilotu egingo ziren. Lomax segur zen legea onartuko zutela eta, hala izatera, bere karrerak hondoa joko zuela, ez zuela aurrera egiterik izango. Ordurako dibortziaturik eta Columbia Records etxearekin Europan grabazioak burutzeko kontratua adosturik zuela, herrialdetik irtetea planeatu zuen.
Pasaportea korrika eta presaka berritu, hitzartutako konpromisoak bertan behera utzi eta 1950eko irailaren 24an partitu zen Mauretania itsasontzian. Beharrik! Urrian FBIko agenteak Lomaxen lagun eta adiskideen artean galdezka ziren. Hala ere, ez zien jakinarazi alde egitera beharturik ikusi zuela bere burua. Eta, geroago ere, Ingalaterrako egunkari batek Alan Lomax "sorgin ehizaren biktima"-tzat hartu zuenean, honek ez zuen esan Erresuma Batuan Columbia proiektuko lanean ari zela besterik. Erresuma Batutik Europako lau kornerretara zabaldu zuen bere lana...
Europa, soinu iturri agortezina
Ingalaterran, Londresen dugu 50eko hamarkadan, eta bertatik osatu zuen Columbia World Library of Folk and Primitive Music lantzarra, hemezortzi alez osatutako bilduma mardula. Espainiara, Eskoziara, Irlandara eta Italiara joateko baliatu zuen egokiera, badakigu zazpi hilabete eman zituela Espainian, esate baterako. Hirurehun item inguru grabatu zituen penintsulan barrena, hainbat eta hainbat ohar idatzi, eta ehunka argazki egin. Espainian grabatutako lanen artean Sevillan jasotako saeta edo Vigoko gaiteroen alborada goraipatu zituzten zenbait artistak –Miles Davisek, kasurako–, hainbat herrialdetako musika eta kantak bildu zituzten arren: Mallorca, Ibiza eta Formentera, Galizia, Extremadura, Aragoi, Valentzia eta, gurean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa ibili zituen Lomaxek Jeanette Bell laguntzarekin, eta lekuan lekuko laguntzaileak izan zituzten biek.
Euskal Herrian egindako grabazioetan, esaterako, Eduardo Torner dugu Lomaxen kolaboratzaileetan, eta Aragoi, Valentzia eta Galiziakoetan, adibidez, Julio Caro Baroja bera ere ageri da, besteak beste.
Euskal Herria ezinbesteko bi diskotan
1952tik 53ra ibili zen Euskal Herrian, eta bi disko dira emaitza The Spanish recordings: Basque Country seriean. Lehena Bizkaia eta Gipuzkoari eskainia da, eta 38 kantu bildu zituen bertan. Bigarrenak, Basque Country: Navarrek , 33.
Bizkaia eta Gipuzkoari dagokien diskoko interpreteetan bada izen ezagunik aski: Ignazio Eizmendi Basarri eta Manuel Olaizola Uztapide bertsolariak dirateke aipu eta sona handikoenak, eta horien ondoan dira Zarauzko eta Donostiako txistulari taldeak. Horiekin batera, beste zenbait izen dira Arantza eta Andoni Goikoetxearenak, eta Sotero Erauzkin, Simon Badiola, Pedro Anaito edota Javier Bello Portu bera. Zeanuri, Ergoien, Tolosa, Ondarroan eta bestetan egindako grabazioek osatzen dute ale hau.
Nafarroako diskoaz denaz bezainbatean, Uitzi, Arizkun, Elizondo, Lesaka eta Iruñean osatu zituen grabazioak eta Perez Lazarraga anaiak, Jose eta Maria Fagoaga, Mariano Izeta, Maurizio Elizalde, Migel Anjel Leoz eta beste zenbait dira interprete. Nabarmentzekoa da dultzainaren eta txistuaren presentzia, eta Leoz gaztearen jota kantak, nahiz euskaraz, nahiz gaztelaniaz kantatzen baititu.
Bi lanak ere hagitz freskoak dira, bertan aditzen diren barre algara, txalo zarta eta irrintziek erakusten dutenez. Disko biak 2004an argitaratu zituen Rounder etxeak, eta liburuxka bana dute, argazkiz eta jakingarriz ongi hornituak, Juan Mari Beltranen eta Aintzane Camararen lanaren ondorio. Bi lanok ere entzungai dira Alan Lomaxek bildutako guztiekin batera, hark abiarazitako Kultur Ekitatearen aldeko Elkarte ACEren culturalequity.org webgunean. | news |
argia-64fc97d86e2f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/teknologia-iraunkorra.html | Sega, erreminta moderno hori | Pello Zubiria Kamino | 2015-07-19 00:00:00 | Sega, erreminta moderno hori
Indarrean dator berriro sega. Betiko dailu zaharra, kodaina. Ez bakarrik itxura ekologista cool bat ematen duelako. Asko ohartu dira belarra ebakitzeko, pentze handietan irabazten dion segamakina handiaz landa, eskuzko lanabes zaharrak ez daukala konkurrentziarik. Sinplea da, merkea, isila eta… eraginkorra.
Astialdietan baratzezaina den lagun kaletar bat, gorpuzkeraz zein sasoiz batere Olasagasti ez dena, 2013ko larunbat goiz batez errezelatu zen aitaginarrebak lagatako sega zaharra hobeto zihoakiola emazteak erositako desbrozadora berri-berria baino: froga egiteagatik hasirik belar sail handiagoa moztu zuen batere zaratarik gabe, gasolina erre kiratsik gabe… eta, harrigarria, gehiegi nekatu gabe, aitzurrean arituta baino askoz gutxiago. Mundu osoko jende askok frogatua du gauza bera. Horregatik dator modan sega.
Tresna zahar xumea da sega, dailua eta kodaina ere deitua. Izen guztiak euskarak auzokoei hartu dizkie, lanabesa ere inportatua baita. Diote adituek gaur Turkia den eremuetan bizi zen Eszita herriak sortu zuela. Kasualitatea ez da izango ingelesez jende horiek eta tresnak izen bera eramatea: Scythe . Erromatarrek berenganatu zuten. Europan X. mendetik aurrera zabaldu zela dirudi. Aurretik igitaiak egiten zituen lanak burutzeko.
Ondo begiratuz gero, dailua igitai handi bat da. Mende luzez aziendentzako belarra mozteko usatua, garia eta garagarra uztatzeko bezala. Igitai handi eta konplexuagoa: burdinazko ahoaz gain dauzka kirtena, eskuentzako helduleku bat edo bi eta ahoa kirtenari lotzeko metalezko uztaia eta xafla txiki bat. Lana ere ezberdin egiten da igitaiarekin eta segarekin.
Dantzan aritu behar duzu segan: bi zangoak zabalik eta belaunen gainean bermaturik, aurrean duzun belar-koska xerratan bezala ebaki behar duzu bi eskuetan lurzorua doi-doi ukitzen duela darabilzun burdinazko xaflarekin, besoen eta gerriaren mugimendua baliatuz… Ikasi egin behar da. Hasieran segaren muturra lurrean sartuko zaizu, edo ebakitzeko xerra handiegi markatu duzulako trabatuko, pittin bat kostatuko zaizu eroso aritzeko neurri egokiko maila hartzen, edo zelaian bizarrak geratuko zaizkizu gero beste kolpez moztu beharko dituzunak. "Segan ari haiz, ez aitzurrean" entzungo diozu erakustaileari.
Patxada bat eskatuko dizu segak, belazea pazientziaz mailaka eta xerraka moztu behar duzulako. Baina pixkanaka erritmo batean sartuko zara, fite aurkituko dituzu sega-kolpeei egokituko zaizkien doinuak. Ohartzerako, segaren erritmoarekin batera inguruko hotsen jabe ere egin zara, basoko okila edo haizearen aldaketa sentitu dituzu, edo ingurutik pasatzen den autobia, belazea lurrintzen duten usainak ere bai. Gasolinazko motosegarekin zigorra den malda bera dailuarekin gerta daiteke estresa baretzeko lasaigarri. Aurkituko dituzu segan jardutea Zen ariketarekin parekatzen dutenak. Segaren mistika.
Teknologia apala, eraginkortasun handia
Oro dauka iraunkor segak. Oro apal: prezio, teknologia, gastu, kutsadura. 100 euro ingurutan eros daitekeen segak mantenua merkea du. Aho hilgarria duen xafla zorroztu sarritan, segaldia etenez arnasa hartzeko. Arraitzaren hotsak ere badu bere zera. Eta usatuaren poderioz burdina loditu zaionean, pikatu egin behar da; onena lehen bezala mailu eta ingudez egitea omen den arren, gaur askok prentsa berezi batez egiten dute. Gainerakoan, ez gasolina, ez olio, ez mekaniko, ez bujia… Urte luzeko bizia du segak.
Teknologia apaleko tresna izanik baditu bere martingalak. Dailua hobeto edo traketsago dantzatu aldea dago, prefosta. Ongi arraiztea, zorroztea alegia, hori ere funtsezkoa, eta ahoa kamustu zaionean pikatzea, mailuz jotzea. Lanabesa segariaren edo erabili beharreko eremuaren arabera diseinatzea ere bai. Diseinatu? Gakoa segak kirtenarekin bat egiten duen tarte horretan datza.
Gipuzkoako Asteasun Florentino Maioz ezaguna da neurrira prestatutako segak nahi dituztenen artean. Harengana jotzen omen dute herri kiroletan dabiltzan askok. Segaren burdina bera komertzioetan erositakoa da. Maiozek tresnaren ipurdi edo opo aldea goritu eta manipulatuko du, segariaren gerriera eta egin beharreko lanera egokitzeko. Ez da berdin lan egiten zelai ordokietan eta malda gogorretan, batek zutikago nahi du, besteak kolpe bakoitzean maila zabalagoa harrapatu, urliak indar gutxiago eginez aritu nahi du, hau apusturako lanabes efikazaren bila dabil, beste hura bere bizkar zahartuari egokitutakoaren bila.
Asteasuko segagileak aitona izan zuen segalari famatua, Florentino Maioz hura ere, badu sarrera entziklopedietan. 2015ean biloba arotzak tresnak prantatzen ditu besterentzako. Berak egiten ditu kirtenak etxeko lizarrez. Burdinazko pieza txikiak forjari lagun batek. Sega-ahoak, aldiz, Austriatik ekarriak dira.
Gurean famatuak izan omen ziren Bellota markakoak, Patricio Echeverriarenean Legazpian eginak. Fini, bai marka eta bai 'euskal sega', esateko modu bat da, orain etortzen direnak baino aho zabalagoa zuena. Oraindik ere ba omen dira segalariak haiek atxikitzen dituztenak, norgehiagokatarako altxor moduan, gure belarretarako egokiagoak direlakoan. Florentinok dio ez duela lortu Austrian berak nahi bezala kopiatzea hemengo ereduak. Ez aipatu hemen Txinatik ekarritako kopiarik.
Ekologi gaietan ezaguna den Paul Kingsnorth britainiarrak idatzi du segaren aldean desbrozadorak dena duela kalteko. Moto baten arrabotsa, kea eta kiratsa, erregai fosilen egarri beti, arriskutsuagoa, saila ebakitzen ez azkarragoa, lanerako gogaikarriagoa... Orduan, zergatik gailendu zaio traste nardagarri hori?
"Ez motosegak hobeak direlako, baizik eta teknologiarekiko gure jarrerak horretara garamatzalako. Kontua ez da eraginkortasuna, erlijioa baizik: konplexutasunaren erlijioa. Progresoaren mitoak makinaren itxura hartu du. Plastikoak hobea dirudi zurak baino. Asko mugitzen direnak geldoak baino. Burrunbatsuak hobe isilak baino. Konplikatuak hobe sinpleak baino. Berria hobe zaharra baino. Gu ohartu ala ez, hori da erosten duguna".
Baina sasi garbitzeko makina isilik ez baitute oraindik asmatu, gero eta jende gehiago ari da itzultzen betiko segara. Alde batera utzirik herri kiroletako parafernaliak, segan ikasten hasi dira baratzegintzan hasi diren kaletarrak, gurasoengandik heredatutako lursailen bat garbi mantendu nahi dutenak, baita herri-lanetan ari diren enplegatu publikoak ere Europako zenbait udalerritan.
Euskal Herrira ere iritsiko da albistea. Bizikleta hiri moderno batentzako aurrerapena izan zitekeela erakutsi zen moduan, noizbait ohartuko gara Honda eta Stihl sega motordunena ere moda kontua izan dela. Teknologia konplexuzko eta gastu handiko tresnak mitifikatzearen ondorio agian pasakorra. | news |
argia-c0a1ab29dffd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/lekukoa-paristik-ortzaizera.html | Lekukoa Paristik Ortzaizera | Xabier Letona | 2015-07-19 00:00:00 | Lekukoa Paristik Ortzaizera
"POLIZIAK jendeei fisikoki eraso dien gisa berean, konponbide prozesuaren kontrako eraso zuzen baten gisa ulertzen dugu. Indarkeriak gauzak okertu besterik ez du egiten", Antton Seychalen, Ortzaizen (Nafarroa Beherea) ETAren armagabetzearen aurka polizia frantsesak egindako operazioaren harira sortu den batzordeko kidearen esanak dira.
"Indarkeriak gauzak okertu besterik ez du egiten". Zenbatetan entzun ote dugun, baina ETAri zuzendua: "Indarkeria ez da bidea", "ez duzue euskal gizartea ordezkatzen", "armak utziz gero, dena da posible", "armak presoen truke", "demokrazian dena lor daiteke", "bukatu da borroka armatuaren garaia…". Espainiar eskuin gogorrenetik eta ezker abertzaleraino entzun ohi dira halakoak, era guztietako politikarien ahotik aterata.
Bistan da ez zela egia esaten. Zendu berri den Javier Krahe madrildarrak kantatzen zuen gisan, "hombre blanco hablar con lengua de serpiente". Historia hor dago, jakina, ezabatu ezinik eta euskal gizartearen aurrean bakoitzak bere zamari eutsi beharko dio, baina jadanik ez du merezi ETAk galdutako trenez jardutea. Bada ordua euskal gizartea bakearen aurrean galtzen ari den trenez aritzeko.
Beste behin ere Iparraldeko lurretatik datorkigu ikasgaia: Ortzaizeko herritarrek hartu dute Parisko Konferentzia humanitarioaren lekukoa eta oraingoan bai, duintasun eta erantzukizun osoz, Grazi Etxebeherek bi etakide babesteko keinua humanitario eta politikoa dela lau haizetara zabaldu du. Armak entregatu nahi zituzten bi etakide aterpetu eta laguntzeagatik atxilotu eta auzipetu dute Ortzaizeko erizain jubilatua.
Horren aurrean protesta egin zuten herritarrak jipoitu zituzten Frantziako segurtasun indarrek. Eta ondoren 600 herritarrek prentsaurrean deitu zuten manifestazioa datorren larunbaterako Donibane Garazin, gerrarekiko protestan eta bakea aldarri. Hori guztia ez Hernanin, Arrasaten, Errenterian, Bilboko Alde Zaharrean edo Iruñean, hori guztia Nafarroa Behereko 694 biztanleko herri batean izan da.
JOSU ERKOREKAREN ahotik erantzun zuen Eusko Jaurlaritzak: "ETAri ez zaio komeni eman beharreko urratsak atzeratzea". Eta Mariano Rajoyk bezala, zera gaineratu zuen: armak entregatu eta desegin dadila lehenbailehen. Eta kito. Aieteko prozesuaren sinatzaile eta konponbide ordenatuaren EAJko ordezkariek behin eta berriro uzten dute irteera horren zama guztia ETA eta presoen gain. Armak entregatu, desegin eta iraganarekiko ikuspegi autokritikoa da orain arte jeltzaleek erakusten dituzten irteera ordenatuaren ikusmolde nagusiak.
Baina errealitateak bestelako egoerak ere erakusten ditu: Arnaldo Otegi eta Bateraguneko gainerako espetxeratuak ETAk borroka armatua alboratzeko prozesua bultzatzeagatik espetxeratu zituzten. Oso kritikatua izan zen euskal gizartearen gehiengoaren aldetik eta justiziaren aurkakotzat ikusi zen. Auzitegi Nazionalak ere iaz deitu zituen deklaratzera ETAren armagabetzea laguntzen ari ziren Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe bitartekariak. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Madrilen izan ziren haiei sostengua adierazteko. ETAren armagabetzea laguntzen ari ziren, orain Etxebeherek egin duen moduan. Ulergarria da EAJk ETAri armagabetzea eta desegitea eskatzea, hori da beti egin duena; ulergarria ez dena da Madrileko etengabeko jarrera erasotzailearen aurrean horren isilik agertzea, eta irteera ordenatua ETAren aldebakarreko mugimenduekin parekatzea.
IRUÑEAN ere hainbat duintasun esparru berreskuratu dira sanferminetan, ez bakarrik ikurrina udaletxean izan delako, batez ere haren karietara inongo jipoirik eta atxiloketarik egon ez delako eta legezko biolentziarik gabe ere dena hobeto doala erakutsi delako.
Zigor bakarra Joseba Asiron alkateak berak jaso zuen uztailaren 7an, itzaleko txistuen ozenak zezen plaza hartu zuenean. Eguzkitik Yolanda Barcinari txistu egiten zitzaionean, festak ez politizatzeko ziotenen txistuak ziren oraingoak. Ikurrinaren inposaketarekin ere Iruñeko udala politizatzen ari zela aipatu zuten gisan; egoitza publiko ziztrinenetik ere Iruñean egunero lau haizetara zintzilik diren Espainiako dozenaka bandera horiek neutroak bailiran. | news |
argia-14d4e5a15fa5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/tantai.html | Oztoporik gabeko aisia aniztasun funtzionala dutenentzat | Judith Perez | 2015-07-19 00:00:00 | Oztoporik gabeko aisia aniztasun funtzionala dutenentzat
Leku berriak ezagutu, kirola egin, zinera joan, museoak bisitatu… Aisialdia gozatzeko maiz zailtasunak aurkitzen dituzte aniztasun funtzionala duten pertsonek. Gabezia horri erantzuteko jaio da "Tantai: oztoporik gabeko aisia" ekimena.
Aniztasun funtzionala dutenek aisialdiaz ezin dutela modu duinean gozatu salatu dute Ane Mendizabal zarauztarrak eta Alba Irazabalbeitia donostiarrak, Tantai proiektuaren sortzaileek. Gure inguruneak eta kultur eskaintzak ez diote aniztasunari erantzuten, "aisia eta turismo arloetan egiten diren ekintza gehienak ez daudelako aniztasun funtzionala duten pertsonen beharretara egokituta", dio Mendizabalek. Horregatik hasi dira ekintza egokitu eta inklusiboak antolatzen.
Beste askoren artean, kirol egokitua, txangoak, tailerrak eta ikastaroak antolatzen ditu Tantaik, gutxieneko partaide kopururik gabe eta urte osoan zehar. "Eta norbaitek bestelako ekintzaren bat egin nahi badu, gurekin harremanetan jar daiteke, eta egin nahi duenaren arabera, bere beharrak aztertu eta horietara egokitutako eskaintza prestatuko dugu. Guk egiten dugu lan guztia, beraiek ongi pasatzeaz baino ez dira arduratu behar", azaldu digu Mendizabalek.
Ikuspegi turistikotik, urtero milaka dira aniztasun funtzionala izan eta bidaiatzen duten lagunak. Horregatik, turistentzat zuzendutako ekintzak ere prestatu dituzte: "Batez ere bisitaldi gidatuak, Donostian eta Gipuzkoan zehar momentuz, hasten ari garelako", argitu du Irazabalbeitiak.
Historiaren Artean lizentziatuak dira bi gazteak. Turismoa ere ikasi du Mendizabalek, eta Irazabalbeitiak turismo egokituari buruzko ikastaroa du egina, Larrialdiak Fundazioaren eskutik. "Larrialdiak Fundazioan denbora zeramaten aisia eta turismo egokituaren inguruan gogoeta egiten, zerbait egiteko gogoz, baina ideia zehatzik gabe. Nirekin harremanetan jarri ziren laguntza eske, eta ondoren ni Anerekin", azaldu du Irazabalbeitiak.
"Lan asko dago oraindik egiteko"
Aniztasun funtzionala dutenen beharrei erantzuteko gure ingurunea gero eta egokituagoa dagoela eta azken urteotan aurrerapauso nabarmenak egin direla uste dute bi elkarrizketatuek, batik bat zerbitzu publikoetan. Turismoan, aisian eta beste hainbat arlotan, ordea, oraindik gabezia garrantzitsuak daude. "Dena den, ezin dugu esan ez denik ezer egiten, kolektibo honen eskubideen alde gogor borrokatzen ari diren elkarteak daude eta gauza asko lortu dituzte", dio Mendizabalek. "Arlo instituzionalean hobekuntzak nabariagoak dira. Gainontzekoetan oraindik lan asko falta da egiteko", gehitu du Irazabalbeitiak. Aldea nabaria da Europako beste herrialdeekin konparatuta, adibidez: "Nazioarteko museo garrantzitsuetan, orain gor eta itsuek audio-deskribapenak edota zeinu hizkuntzako interpretea eskura dituzte bisitaldi gidatuak jarraitzeko, margolanen azalpenak ere braillez agertzen dira… Hemengo museo batzuetan hasi dira hori egiten, baina esango nuke gauza nahiko berria eta salbuespenezkoa dela. Hala ere, gutxinaka-gutxinaka hobekuntzak ikusten ari gara", adierazi du Mendizabalek.
Euskal Herrian, zaila da kolektibo honentzat guztiz egokiturik dauden ekintzak aurkitzea. "Gaur egun, esaterako, oso modan dago tabernetan kontzertuak ematea, baina beharbada sarrera estuegia da gurpil-aulki bat sartzeko, komunak oraindik ez daude prestatuta leku askotan, edo hitzaldi batera zoaz eta ez dago zeinu hizkuntzako interpreterik pertsona gorrentzat", dio Irazabalbeitiak. "Aniztasun funtzionala dutenei bideratutako pintxo-potea antolatzen saiatu ginen duela gutxi, eta konturatu ginen Donostiako Alde Zaharra oso gaizki dagoela gurpil-aulkiz mugitzeko", jakinarazi du Mendizabalek.
Ekintzak antolatzeko orduan, irisgarritasuna da kontuan hartu beharreko alderdirik garrantzitsuena, "xehetasun txikienak beste guztia pikutara bidali dezakeelako. Guretzat garrantzirik ez duena edo aintzat hartzen ez duguna erabakigarria izan daiteke aniztasun funtzionala duen norbait leku horretara joan ahal izateko edo ekintza hori egin ahal izateko", argitu du Irazabalbeitiak.
Sentsibilizazioa
Ahalmen urriko, elbarri, ezgaitu… deitu izan zaie aniztasun funtzionala duten pertsonei, baina adiera horiek okerrak direla eta oker erabiltzen ditugula ohartarazi dute elkarrizketatuek. "Guretzat oso garrantzitsua da azpimarratzea ez direla minusbaliatuak, baizik eta gauzak beste modu batean egiten dituztela. Ez dira elbarriak, edo ahalmen urrikoak, edo dena delakoa, aniztasun funtzionala duten pertsonak baizik", dio Irazabalbeitiak. Horregatik, kalitatezko aisia eskaintzeaz gain, Tantaik gizartea sentsibilizatzeko ere balio dezala nahi dute sortzaileek. "Sarri ez dira ezarritako gutxienekoak betetzen, eta gizartea horretaz jabetzea nahi dugu".
"Inkesta egin genuen Tantai sortzen ari ginenean, eta guk uste baino herritar gehiagok esan zigun agian ez zutela aisia edo turismo ekintza batean parte hartuko aniztasun funtzionala duen pertsona bat egotekotan", azaldu du Irazabalbeitiak. "Beste galdera batek zioen: 'Uste duzu guztion lana dela aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusibitatea erraztea?'. Bada, askok erantzun zuten erakundeen lana dela hori, ez guztiona. Horrek ere asko kezkatzen gaitu", gehitu du Mendizabalek. Hala ere, gizartea gero eta sentsibilizatuagoa dagoela uste dute, belaunaldi berriak batez ere. Horrez gain, aniztasun funtzionala duten biztanleen presentziak eta ikusgarritasunak gora egin du nabarmen gizartean, eta hori datu oso positibotzat jotzen dute Tantaiko kideek.
Integraziotik inklusibitatera
Tantaik antolatzen dituen ekintzak, egokituak bakarrik ez, inklusiboak ere badirela nabarmendu dute Ane Mendizabalek eta Alba Irazabalbeitiak. Edonork hartu dezake parte, aniztasun funtzionala izan edo ez. Integrazio hitza alboratu eta inklusibitatea erabiltzearen aldekoak dira: "Pertsonei buruz hitz egiteko 'integrazio' hitza erabiltzea desegokia dela uste dugu. Integrazioaz hitz egiterakoan bereizketa moduko bat egiten dugu: zuek alde batetik eta gu bestetik. Zuek zarete 'ezberdinak' eta integratzen zaituztegu. Baina ez du hala izan behar. Pertsonak gara denak", dio Mendizabalek. "Ez da bidezkoa norbait baztertzea besteen begietara 'ezberdina' delako. Azken finean, modu batean edo bestean guztiok gara ezberdin, eta guztiontzako lekua egon behar du gizartean", aldarrikatu du Irazabalbeitiak. | news |
argia-8d4dd959a714 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/eako-poesia-egunak.html | Nola egin leku kabitzen ez dakienari | Itziar Ugarte Irizar | 2015-07-19 00:00:00 | Nola egin leku kabitzen ez dakienari
Uztailaren 17-19 bitarteko asteburuan hartuko dute leku Eako Poesia egunek hamabigarren urtez. Poesia ardatz, askotariko emanaldiekin ondu dute egitaraua, "poesia ezin da kabitu" lelopean.
"Batzuetan poesia ez zait kabitzen buruan. Orduan autoa hartu eta kostaldeko errepidea hartzen dut, radarrei erreparatu gabe, bizitzea eta urruntzea gauza bera balira bezala", Castillo Suarezenak dira berbak, Eako Poesia Egunen antolatzaileei aurtengo goiburuak –"poesia ezin da kabitu"– iradokitzen zionaz galdetuta esandakoak.
"Poesia zer den eztabaidatzen hasita konturatu ginen poesiaren monopolioa ere ezin genuela Ean lortu, librea dela, eta sortzaileei hartaz hausnartzeko erronka luzatu genien", azaldu du Asun Landa Herrieri Emon Arnasa elkarteko kide eta antolatzaileak.
Poesia askotan "gutxietsita" dagoela uste du Landak, eta horregatik poesiari lehentasuna eman eta Ean haren erakusleiho txiki bat zabaltzen ahalegintzen direla. Poesiari "aparteko lekua" eskaini nahi dioten arren, egitaraua hibridoa dela dio; besteak beste, antzerkia, musika, hitzaldiak eta performanceak ere batzen baitituzte egitarauan.
Poesia protagonista nagusia bihurtzearekin batera, Eako herriak berak ere egiten ditu berezi egunok. Eskaintza kulturala naturarekin uztartzen dutela dio Landak, kostako herri txikiaren parajeak baliatuta eszenatokietarako; moila, itsasertza eta ondoko auzoak kasu.
Aresti gogoan
Bere gaixoaldiaren azken urteetan Ean izan zen Gabriel Aresti, 1975ean hil zen arte. Landak gaztea zela ezagutu zuen: "Frankismoko azken urte haietan, modernitatea eta haize freskoa esan nahi zuen Arestik guretzat". Bizkaiko herriaren inguruan "poema ederrak" idatzi zituenez, harekin zuten zorra kitatzeko omenaldi bat antolatu zuten 2004an. Hurrengo urteetan, poesia zaletasuna eta ekimenarekin jarraitzeko gogoa antzemanda, hasieran Arestiren omenezko eguna zena, asteburu beteko poesia ekimen bihurtu da.
Urtero du horregatik Arestik tokia gordeta egitarauan. Aurten Miren Agur Meabek hartuko du kargu, Nire arestiar lauburuak hitzaldiarekin. Bilboko idazleak haren lanetan izandako eraginaz mintzatuko da, ezagutzen joan ahala nola bat egin eta nola urrundu diren bizitzan zehar.
Iaz Iratxe Retozalak eta Danele Sarriugartek Arestiren imaginarioa aztertu zuten generoaren ikuspuntutik; eta hain zuzen, lan hori zabalduko da aurten poesia egunetan argitaratzen den Zaldiarri eskuorrian. Edizio guztietako kartelak bezala, Erramun Landak egin ditu honen diseinuak.
Aurtengoa seigarren alea izango da, baina aurreko urteetako Zaldiarriak ere eskuragai izango dira Ean; Iñigo Aranbarrik eta Anarik, Koldo Izagirrek, Harkaitz Canok, Mikel Antzak eta Luzien Etxezaharretak idatzitakoak.
Bertso eta poesia
Poesia eta oro har literaturaren inguruko kezkei eragin eta eztabaida sustatzen ahalegintzen direla dio Landak. Aurten azpigai gisa, bertsolaritza eta poesiaren arteko harremana hartu dute eta hartara, Maialen Lujanbiok bertarako espresuki gertatutako hitzaldia eskainiko du larunbatean. Ildo berean, Kafkaren aulkia ikuskizuna eskainiko dute Itxaro Bordak, Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Pello Ramirezek. Zure hatzaren ez galtzeko Bordaren azken poesia liburuko poemetan oinarrituta osatuko dute emanaldia.
Programazioko hirugarren hitzaldirako gonbidapena hirugarren emakume batek egin du; Alaitz Aizpuruk Joxe Azurmendi poetaren inguruan hitz egingo du ostiral iluntzean, Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean izenpean.
Aurtengo in memoriam gonbidatua Miguel Hernandez izango dela nabarmendu du Asun Landak. Josu Landak Munduko Poesia Kaieretan itzuli dituen haren zenbait poema kantatuko ditu ostiral gauean.
Uzta berria
Poesia egunen aldeko ezaugarrietako bat esperimentazioari eta proiektu berriei aukera ematen dietela da, Landaren aburuz. Horren erakusgarri, ITU Bandakoak aurrenekoz igoko dira eszenatoki gainera larunbatean, Bedaronako auzoan. Taldeko gazteen hitzetan, "belaunaldi bat hiru ekitalditan" islatuko dute Ean aurkeztuko duten Ituskizuna performancean.
Metrokoadroka sormen laborategiak ere Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak antzerki emanaldia estreinatuko du larunbat gauean. Eta antzerkiaren ostean, musika: Anarik Zure aurrekari penalak disko berria aurkeztuko du Eskolapen talde osoarekin batera.
Landak azaldu duenez, urteekin egonkortu den emanaldietako bat, argitaratutako azken poesia liburuen lagin bat eramatea izan da. Jose Luis Otamendik izango du bere azken liburua aurkezteko parada; Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean) errezitaldia eskainiko du larunbat eguerdian Portusolon.
Poesia gosez jarraitzen duenak, igande eguerdian izango du zita moilan. Azken poesia uztarekin jarraituz, Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien eta Mikel Antzaren poemak errezitatuko dituzte. Musika Beñat Barandiaranek jarriko du.
Natxitxuko herri-bazkariaren ostean, erroak Eako poesia egunetan dituen Erractus ikuskizunak emango dio amaiera aurtengoari. Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Kattalin Minerrek aurten eskainiko duten azken emanaldia izango da gainera.
Poesiari aski toki egiteko ahalegina nabaria izan arren, ezin leku nahiko egin herri eta asteburu batean. Josu Landaren hitzetan, "ez zaizkio aski amodioa, abegia, adeia, profesionaltasuna, zaletasuna... espiritu librea da poesia berez, ez du gogoko inon kabiaraz dezaten". | news |
argia-bda4ff9bb8c6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/eitbk-solaskideen-hizkuntza-errespetatuko-du-adierazpenetan.html | EITBk solaskideen hizkuntza errespetatuko du adierazpenetan | Onintza Irureta Azkune | 2015-07-19 00:00:00 | EITBk solaskideen hizkuntza errespetatuko du adierazpenetan
EITBko kazetariek garbi adieraziko diote solaskideari euskara hutsean egin dezakeela, gaztelaniaz, edo bietara. EITBren oharraren arabera, ikus-entzuleek begi onez hartuko dute euskarari leiho bat irekitzea gaztelaniazko kateetan.
Alegia, telebista kateetako edo irratietako kazetariak adierazpen eske aritzen direnean solaskideak berak esango du zein hizkuntzatan egin nahi duen, ala bietara egin nahi duen. EITBk zabaldutako oharrean dioenez, irratia edo telebista bera arduratuko da azpidatziak edo kazetariaren adierazpenak baliatzeaz, entzuleak inolako informazio galerarik izan ez dezan. ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian euskarazko adierazpenek izan dezaketen presentziaz ari dira hori diotenean.
Euskalgintzak behin baino gehiagotan eskatua zion EITBri hizkuntza hautua errespetatzeko, eta gaztelaniaz ari diren kateetan ere euskarazko adierazpenak egiteko aukera onartzeko.
2014an ekimena Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak eta UEMAk bultzatu zuten. Ondoren, Urola Kosta eskualdea batu zitzaien. 2015eko apirilean, kirol eta kultur munduko hainbat kidek egin zuten eskaria, besteak beste, Andoni Egaña, Pako Aristi, Itziar Ituño, Gaizka Garitano, Aitor Gorosabel, Ramon Agirre, Mikel Markez, Amets Arzallus, eta Iñaki Artolak. | news |
argia-7de1ae0e149b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/eliteen-ustelkeriak-zergatik-barkatzen-dituzte-herritarrek.html | Eliteen ustelkeriak zergatik barkatzen dituzte herritarrek? | Pello Zubiria Kamino | 2015-07-19 00:00:00 | Eliteen ustelkeriak zergatik barkatzen dituzte herritarrek?
Teflon sindromea deitu zaio. Badirudi aberatsak eta agintari politikoak sukaldeko zartaginetan erabiltzen den Teflon famatuzkoa daukatela larruazala: ezer ez zaie eransten, denak egiten die irrist. Lapur edo gaiztagin famak edonor daraman bezala hondamendira, handi-mandien botereak ez du sufritzen horregatik. Zergatik ote da?
"Lapur txikiyak kastigatzeko non-nai badago kartzela / kupira gabe ematen zaio denbora askoko itzala / (...) aundiyak libre ikusten dira pasiuan dabiltzala..." aspaldi kantatu zuen arren Jose Manuel Lujanbio Txirrita k, injustizia ez da sendatu mende bat beranduago.
Pierre Lascoumes soziologoak eta Carla Nagels kriminologoak plazaratu berri dute Sociologie des élites délinquantes, de la criminalité en col blanc à la corruption politique (Elite gaizkileen soziologia, kriminalitate gorbatadunean hasi eta ustelkeria politikoaren buka). Saiatu dira erakusten nola lortzen duten boteretsuek lege penalak saihestea edo beren interesetarako moldatzea.
Soziologiaren ikuspegitik enigma dirudien egoera honetatik abiatu dira Lascoumes eta Nagels. Hauteskundeetan aurkezten direnen artean bada pertsonalitate bat epaileak ikertzen ari direna, tartean bere kanpainaren finantzaketagatik. Ba ote du irabazteko aukerarik? Gezurra diruen arren, alde nabarmenez irabaziko du eta gainera inork ez dio auzitan jarriko garaipena. Nola liteke? Botoa eman diotenek ezberdin epaitzen dituzte politikaria eta delitu arruntak egiten dituztenak? Zertan datza diferentzia? Soilik batzuk eta besteak klase sozial ezberdinetakoak izatean?
Liberation egunkariari eskainitako elkarrizketa batean ("Frogen ezabatzea eten gabe egiten dute elite delinkuenteek") ikertu dutenaren gako nagusiak eskaini ditu Lascoumesek, argitu ostean 15 laguneko talde multidisziplinarrak landu duela ikerlana, aurrez aurreko 2.000 inkesta eta elkarrizketa baino gehiagotan oinarrituta.
Hasteko, eliteek beren delituak diskrezio osoz burutzen dituzte. Lapurreta edo eraso txikiak erraz ikusten dira eta horiek pertsegitzeko daude prestatuak polizia eta auzitegiak. Hauek ez dute denbora galtzen enpresa handien edo dirudunen kontabilitateetan arakatzen. Alderdi politikoen finantzaketen inguruko delituak oso berandu sartu dira legeetan.
Biktimak ere oso ezberdinak dira batean eta bestean. Delitu arruntetan biktimek mugiarazten dute sistema. Aldiz, elitearen delituetan sarritan esaten da biktimarik ez dagoela, nahiz eta egia den biktimak urrun eta lausotuago daudela: kalteak herritar askok edo guztiek nozituko dituzte. Izatez, biktimak ohartu ere ez dira egiten kalteak jasan dituztenik.
"Gu saiatu gara erakusten –dio Lascoumesek– herritarren itxurazko axolagabekeria hau lotuta dagoela jendeak eliteekin daukan harremanarekin, hau da, hautetsiez, enpresetako ugazabez edo goi mailako funtzionarioez daukan irudiarekin. Irudipena daukagu agintzean egin dituzten gehiegikeriak beren lanaren osagai bat direla".
Eliteek beren buruaz betidanik eman duten irudiaren eraginez gertatzen da: denen ongizatean pentsatzen duten pertsonak, beren bizia karguari eskaintzen diotenak... "Sarritan diskurtso ia erlijiozko batez beztitzen dute beren konpromisoa, halako apez izaera batez. Bortizkeriaz erasotzea dirudi horiek auzitan jartzea, beren interesak eta darabilten aurpegi bikoitza erakustea. Ez da batere gauza erraza".
Boteretsuen bekatu arinak
Zientoka ikerlari ari da milaka azterketa burutzen delinkuentzia arruntaren inguruan. Aldiz, ia inor ez eliteen kriminalitatean. Zergatik?
Dio Lascoumesek politikan eta ekonomian boterea daukatenen dosierrak gehien bat eskandaluen salaketa moduan tratatzea kalterako dela. Hedabideetan delituon inguruan halako antzerkiak antolatzeak eragozten du arazoen ulertze soziologikoa. Baina, gainera, boteretsuen delituak askoz konplexuagoak izan ohi dira ulertzeko bezala azaltzeko herritar soilen hilketa edo lapurretak baino. Hori gutxi balitz, ikerlariek ere badute halako beldur bat, erreparo ideologiko bat, eliteen gaiztakerietan muturra sartzeko.
Izenak baino gehiago mekanismoak ardura zaizkie soziologo hauei, eskandaluen txinpartak baino gehiago mekanismo sozialen deskribapena. Horretan soziologo estatubatuarren aitzindaritza aitortzen dute, bide nabar Edwin Sutherlandena. 1949an White Collar Crime (Delitu gorbataduna) plazaratu zuen, editoreak zentsuratuta; haren analisia funtsean baliagarri da gaur ere Lascoumesen ustean.
Sutherlandek nahi zuena esango zuen, baina oraindik ere badirudi, ez bakarrik jende soilen artean baizik eta akademikoen artean berdin, eliteen kriminalitatea oharkabean pasatzea loturik dagoela XIX. mendeko kriminologoek ezarritako bereizketarekin. Enrico Ferri klasikoak gizartearen gailurrean kokatzen omen zuen deliturik egiten ez duen klasea, organikoki ondradua, eta azpiko zolan ondradutasunik gabeko jendea.
Legea urratzekotan, azpikoek egin bide dituzte berez gaiztakeriak direnak ( mala in se ) eta, aldiz, elitekoek bekaturen bat egitekotan izango da legeek onartzen ez duten zerbait ( mala prohibita ). Berezko gaiztakeriak versus gaiztakeria formalak, ezikusia egiteko modukoak. Ez dituzu konparatuko inori sakelatik dirua ebastea eta Estatuari zergetan iruzurra egitea...
Sutherlandek duela 70 urte azaldu bezala, "ez direnez salatzen, gorbatadunen delituak gutxi pertsegitzen dira eta herritarrek ez dituzte lehentasunezkotzat ikusten. Batetik 'organikoki onesta' den klasea dela eta bestetik gutxi pertsegitua, azkenean halako ikasketa sozial bat gertatzen da, esan nahi baita doktrinatze ideologikoa, bi menderen buruan ekarri duena gizartearen zigorretik kanpo geratzea zenbait jokabide objektiboki okerrak izan arren jendearen oharkabean pasatzen direnak".
Azkenean, boteretsuen artean sumatzen diren delituetatik oso gutxi abiatzen dira bide penaletik. Bestelako negoziaketa bidez soluzionatzen dituzte. Epaiketara gutxitan iristen dira eta kondena bat gertatuz gero ere boteretsu kondenatuek ez dute nozitzen beste edozein herritar zigortuk jasango lukeen lotsaizun publikorik: eliteek "badituzte irudi ona berreskuratzeko beren erritoak [ rituels de restauration ], kapital ekonomiko, sozial eta kulturazkoak mobilizatuz burutzen dituztenak".
Boteretsuen delituei ikerlariek arreta handiagoa ezarri diete zenbait krisi arotan (1929, 1968...) eta, aldiz, 1980etan neoliberalismoa nagusitzen hasi zenetik gorbatadunen kriminalitatea askoz errazagoa da eta oharkabeago pasatzen. Botere guneetan banalizatu egin dira legea urratzea, iruzur fiskala eta kontrata publikoetako ustelkeria.
Azken datu bat: enpresa batean zenbat eta berdintasun falta handiagoa enplegatuen artean, orduan eta legea urratzeko joera handiagoa. | news |
argia-61df87d43707 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2470/politika-norbait-haserretzeko-beharra.html | Politika: norbait haserretzeko beharra | Iv�n Gim�nez | 2015-07-19 00:00:00 | Politika: norbait haserretzeko beharra
Nafarroan, orain, dena da berria, orain dela gutxi imajinaezina, errealitatetik kanpoko ametsa, ukiezina zen zerbait. Horregatik, dena da ezegonkorra, ezezaguna, agian badaezpadakoa. Horrek, berez, sortzen duen beldurra oso naturala da. Umeak bezala, gauez etxe ezezagun handi batean murgiltzen garenean, iluntasuna da nagusi, eta beldurrak estutzen gaitu, modu irrazionalean. Iluntasun horretan, ez dakigu arriskuak nondik etor daitezkeen, eta horrek ere izu kontrolaezina sortzen du gugan.
Atzera ihesean ez bagoaz, aurrera segitu behar dugu, eta pixkanaka begiak iluntasunera ohitzen dira, zerbait ikusten hasten garen heinean beldurra apaltzen da eta arriskuak nondik etor daitezkeen sumatzen dugu. Kontuz zulo horrekin! Kasu eskalonak! Eta abar. Gero eta seguruago ibiliko gara.
Nafarroa horrelako egoera batean dago, bi jarrera egon daitezke: esploratzaileak izatea, oihan ezezagun batean aurrera segituz, ala beste batzuek mapak noiz eta nola egingo dizkiguten zain geratzea. Azken hau hautatzen badugu, arerioek euren bidetik eramango gaituzte, euren mapen arabera jokatuko dugu eta ez dugu egin behar genuena egingo. Jakina denez, lurraldeak ez du mapa marrazten, mapa da lurraldea sortzen eta mugatzen duena. Guztiz alderantziz orduan.
Zeren beldur gaude, egiatan? Diario de Navarrak kontu suitzar bat (edo horrelako zerbait) tiradera batetik aterako ote duen? Hori gertatuko ez delakoan gaude. Orduan? Evaristok abesten zuen bezala: "Eta orain: zer eginen didazue?".
Elkarrizketetan edo mitinetan ongi dago "nafar guztion gobernua izango garela" esatea. Agian hori esan behar da, ez dakit. Baina hori ezin da horrela izan. Gobernu guztietan hartzen diren erabakiak, batzuen mesederako eta beste batzuen kalterako izaten dira, nahitaez.
Adibide bat: politikari guztiak zerbitzu publikoen alde omen daude, baina hori egia izateko (eta errealitatean mamitzeko) interes pribatu zehatz batzuen aurka jo behar da derrigorrez. Hau da, benetako boteretsuak molestatu behar ditugu, eta desberdintasun sozialak eratzen dituzten egiturak desegin behar dira. Neurri aringarriak (errenta soziala, jantoki publikoak...) indarrean jartzea ezinbestekoa da, baina horrek ez du mundua aldatzen.
Argi eduki behar da politika interesen talka baino ez dela, gatazka amaigabea azken finean.
Interes kontrajarrien arteko kontsentsuak bilatuz (beti inor ez mintzeko beldurpean) guztion alkatea edo lehendakari izan nahi duena, azkenean betikoen alkatea edo lehendakaria izango da, eta kasu batzuetan ohartu gabe gainera. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.