id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-43cf6f4425e3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/lurperatuak.html | Lurperatuak | Angel Erro | 2016-10-09 00:00:00 | Lurperatuak
Nork bere hildakoak lurperatzea izaten da iraganarekin bakeak egiteko irudietako, moduetako bat. Beste bat, baina luzera ez hain eraginkorra, iragana ahaztea izaten da. Baina batzuetan ahanzturaren apologistei ahazten zaie nork bere hildako ehortzi gabeak ahaztu behar dituela (edo ahazten ikasi, edo ahazten saiatu). Beste edonoren ahanztura ez da iraganarekin baketzearen seinalea. Iruñean, esaterako, Eroritakoen Oroigarria bando bakar bateko eroritakoez husteko ekimena –legearen aginduz aspaldian egin beharrekoa baina legearen gibelamenduz orain arte ezikusia egina– abian jarri denean, hildakoak, alde batekoak zein bestekoak bakean uzteko aldarriak hasi dira. Bakean uzte horrek hildako batzuk leize, zulo eta bide bazterretan, identifikatu gabe, eta beste batzuk ohorezko hobietan mantenarazten baditu ere.
Espainiako Gerra Zibileko lurperatze guztien artean Federico García Lorcarenak beti harritu nau. Familiaren aurka jardun behar izan dute gorpua lokalizatu nahi izan dutenek. Oinazeak milaka erantzun ditu, baina halere honakoa ulergaitza egiten zait oraindik ere. Egunotan hirugarren aldiz ekin diote poetaren hezurrak bilatzeari, lekukotasun eta ikerketa berrien abaroan. Berriro ere familiaren adierazpenak bilatu dituzte hedabideek eta berriro ere esan dute nahiago dutela Lorcak berarekin batera hildakoen ondoan jarrai dezala, hil-lagunekin patua konpartituta. Maiz galdetu diot neure buruari zeren beldur diren. Oinordetzan jasotako beldur zahar bat ote den, edo erosotasun hutsa. Osaba zaharraren literatur lanari itzal mediatikorik egin nahi ez izatea, hilobi bisitagarria duen artistak bere lanarekin atsegin hartzeko nekeaz libratuko bagintu bezala. Inoiz pentsatu dut bere senidearen alderdi bat gorderik nahiago dutela.
Test labur bat oroimen historikoaz. "Iraganari bueltaka ibiltzeko gurpil zoroan ez da erori behar". Nork esan du? EH Bilduren hautagai batek, duela 20 urtekoaz galdetu diotenean, ala PPko hautagai batek, duela 80 urtekoaz galdetu diotenean?
Joan den irailean Nafarroako Gobernuak Paco Etxeberria auzitegi medikua omendu du oroimen historikoaren alde egindako lanagatik. Gerra zibileko gorpuak aurkitzeko egindako lanaz gain, tortura berriagoei arreta eman eta dokumentatu izanak osoago egiten dute bere figura eta horrelako omenaldien merezidunago. Oroitu eta ohoratu behar ditugu oroitzera laguntzen dizkigutenak.
La sima irakurtzen ari naiz, Jose Mari Esparza egileak bere egunean Paco Etxeberriarekin batera aurkeztu zuen saioa, egunotan gaurkotasuna berreskuratu duena, Etxeberria doktoreak liburuko leizetik, hain zuzen, atera dituelako, asko kostata atera ere, Gerra Zibila hasi berritan, nahasmeneko une horietan, bertara jausitako Sagardia familiaren kideak (ama haurduna eta sei seme-alabak), nire hasierako usteaz beste, ez arrazoi politikoengatik hilda, baina ez horregatik inolako arrazoirik gabe. Elkarrizketa berri batean, Esparzak datu eskuratu berri bat ekarri du, Juana Josefa Goñi Sagardia emakume ederra izateaz gain, beraren familiak sorgin fama bazuen herrian. Nahi gabe ere, berehala gogora ekarri dit Pío Barojaren La sima ipuinaren giroa. Sorgin famako andre batena izandako aker batek ihes egiten die aitona eta biloba diren bi artzainei. Animaliaren atzetik, leize batetik behera erori delakoan, zuloan erortzen da mutikoa ere eta, superstizioak jota, herriko inork ez du haren bila jaitsi nahi. | news |
argia-3c9c82a02cf8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/alberto-gabikagojeaskoa.html | "Eliza frankismoaren zutabe zela konturatu, eta botatzea erabaki genuen" | Miel Anjel Elustondo | 2016-10-09 00:00:00 | "Eliza frankismoaren zutabe zela konturatu, eta botatzea erabaki genuen"
1968a, urte beroa Euskal Herrian. Errepresioa latza, José Pardines guardia zibila eta Txabi Etxebarrieta hilak, Melitón Manzanas hila… Bitartean, Zamorako konkordatu kartzela estreinatu zuen orduko abade Alberto Gabikagojeaskoak.
Gazte joan ohi zineten apaiz seminariora.
10-11 urterekin. Ni, esaterako, Saturraranera eroan ninduten. Ni bizkaitarra, baina gipuzkoarrak ziren han gehienak. Bost urte egin nituen han, bi urte Gasteizen, eta beste bost Derion. Gure familia sinestuna zen –ama, oso–, eta nik, berriz, idealismorako joera neukan, erlijioaren bidez zetorrena, batik bat. Beste aldetik, Franco zegoen agintean, haren erregimena, eta errepresioa ere itzela zen. Nahiko isilpean kontatzen ziren gauzak. Ume ginen, baina bagenekien herriko andre bati, Nieves izena zuen, errizino-olioa eman ziotela eta ilea moztuta ibili zutela kalean. Eskolan, berriz, Cara al sol kantatzen genuen, baina geure modura. "Impasible el ademán", adibidez, "imposible el alemán" kantatzen genuen. Guk ez genekien zer zen impasible, ez ademán ere!
Eta Saturraranen?
Biziera ez zen zarratua, pabilioi diferenteak ziren eta batetik bestera joan behar izaten genuen. Kanpoan geunden, hondartza baten gainean, bertan egiten genuen futbolean, euskara diferenteak ezagutzeko era izan genuen… Gipuzkoarren duroa, ogerlekoa zen guretzat. Haien bi paretak, gure horma biak. Irakasleetan oso euskaltzale handia zen, adibidez, Andoni Basterretxea, edo Emiliano Iturraran.
Saturraran, Gasteiz, Derio.
Estuena Gasteizen izan nintzen, komentuaren antza handiena hark zuen. Derion, Bizkaiko gotzain [Casimiro] Morcilloren garaian, zenbait irakasle Madriletik etorri ziren, eta bertokoak baino irekiagoak izan ziren. Askatasunez jokatu zuten gurekin. 1960an apaiztu nintzen, eta Ajuriako parrokiara bidali ninduten. Han izan nintzen 1969 arte, kartzelan egindako egonak salbu. Ajurian, herriarekin bat eginda egotea zen nire lana, eta horrez aparte, Herri Gaztedi antolatzea, adibidez.
Zergatik Herri Gaztedi?
Jendea kristautzeko era egokia zelako, gizatasunetik kristautasunera bidea egiten genuen, gaztetxoekin, eta ez hain gaztetxoekin. Aisiako ekintzak egiten ziren, eta haien gaineko gogoeta gero. Behin, jai bat antolatu zuten Herri Gaztedikoek Ajurian, eta 60 polizia baino gehiago etorri ziren herrira, hura zer ote zen ikusten. Guardia zibilak ezagunak ziren, baina orduko hartan grisak etorri ziren. Baserritarrak ikaratuta zeuden, eta gu ere bai. Ajuria, Iurreta, Durango, Gernika, Areatza, Derion… Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan zegoen Herri Gaztediren talderen bat.
Zer gertatzen da 60ko hamarkadaren hasieran apaizen artean? Meñikako abade Patxi Bilbao batek, esaterako, pulpitutik salatzen du alkate eta zinegotziek elizara bandera espainola sartzea. Zuk, Ajurian, Areatzan izandako zenbait atxilotze eta tortura kasu salatzen dituzu.
Gure izenak egunkarietan azaldu zirenak dira, baina abade mordoa ginen garai hartan borrokan. Esate baterako, 1960koa da 339 abaderen agiria, Euskal Herriko gotzainei bidalitakoa eta Francoren eta egunkari espainolen haserrea ekarri zutena. Maiatzean atera zuten, eta ni, berriz, ekainean apaiztu nintzen. Horregatik ez nago sinatzaileen artean, abade zirenak baino ez zutelako sinatu. Abade mugimendu itzela zegoen hemen ordurako.
Abade mugimendua…
Baina ez zen abade mugimendua bakarrik. Ez Dok Amairu ere hor zen, eta haren eragin ikaragarria abadeengan eta herritarrengan. Ordu arteko kantu zaharrak utzi eta protesta kantuak zabaldu ziren. Julen Lekuona ere abade zen, eta Ez Dok Amairukoa, eta han da abade errepresaliatuaren kantua, Hiltzaile bat bezala. Hori zen giroa, eta Herri Gaztedi, JOC [Gazteria Langile Kristaua], HOAC [Ekintza Katolikoaren Langile Anaidia]… herriaren eskubideak eskatzen hasi ziren. Horrek ere eragin handia izan zuen abadeengan.
1964an pekoz gora jarri zuten zenbait gaztek Areatzako eskola; pintada eta gainerako. Guardia zibilak egindako atxiloketak etorri ziren gero. Zuk, atxilotuek jasotako kolpe eta tratu txarra salatu zenituen pulpitutik, domekako mezan.
64ko azaroaren lehenengoan izan zen, sermoia egin nuen Ajurian eta Ibarrurin, bietan. Eta hortik etorri zen nire kontrako pertsekuzioa. Ordena Publikoko Auzitegiak prozesatu egin ninduen, propaganda ilegala aitzakia hartuta. Nik egindako sermoia, propaganda ilegala! Gero bai, zabaldu egin zen sermoia. Baten batek eskatu zidan, eta nik eman egin nion, euskaraz. Ondoren, itzuli egin zuten eta han eta hemen zabaldu zen, erdaraz, Enbata, EGI eta beste jende askoren bitartez. Zamorako liburua egin genuenean, berriz, erdarazko testua hartu eta atzera euskarara ekarri nuen, orduko denborako bizkaieran ustez egingo nukeen moduan ipinita.
1965ean epaitu zintuzten: sei hilabeteko kartzela eta 25.000 pezetako isuna izan zenituen zigor.
Dueñaseko Trapako komentuan eduki ninduten lehenengo, hilabete eta erdian. Donejakue urtea izan zen, ordea, eta erdira ekarri zidaten zigorra. Abadeak komentuan egon behar ziren zigorra betetzen, Zamorako kartzela ez zegoen elizaren eta Francoren asmoetan. Baina Dueñasera jende asko etortzen zitzaidan bisitan. Beste leku batzuetara ezin joan zirelako-edo, ni ikustera etortzen ziren. Baina nik ez nuen komentuan nahi, abade izan nahiz ez, Francoren preso politiko nintzen, elizak ez zuen pribilegiorik behar, kartzelan nahi nuen. Egun batean, poliziak etorri zitzaizkidan Zamorako kartzelara eramateko. Ni pozik, baina fraideen bidez esan nien gotzainaren sinadura ekarri behar zidatela, komentuan bertan ezkutatu nintzen. Poliziak kanpoan, ni komentu barruan ezkutatuta, kartzelara eraman arte. Egun bi egin nituen ezkutatuta, notarioa ikusi nuen arte, gotzainaren agiria zekarrela, ni kartzelara eramateko baimenarekin. Horrela, gotzaina agintarien interesetarako konkordatua apurtzen agertzea nahi nuen.
Eliz agintarien oniritzia behar zelako abadeak kartzelara sartzeko.
Idealismo handiz egin ginen abade, herriarekin egon behar ginela sartu ziguten. Gero, abade ginela, konturatu ginen Eliza frankismoaren zutabe inportanteenetako bat zela, gu geu ginela zutabe hori, eta hura bota behar genuela erabaki genuen. Herria engainatzeko tresna nagusia zen Eliza, eta horretaz kontura zedin egin genuen lana.
1968an zinen Zamoran.
Hilabete eta erdi Dueñasen egin nuen, ekainaren zati bat eta uztaila ia osoa. Harrezkero Zamoran izan nintzen irailaren zortzi arte. Amurizarekin batera irten nintzen, hura hilabeteko isunarekin sartu zuten lehenengo aldi hartan.
Urte hartako ekainaren 7an Pardines guardia zibila hil zuen Etxebarrieta ETAko kideak eta ondoren bera hil zuen guardia zibiliak. Abuztuaren 2an, Gipuzkoako Brigada politiko-sozialaren buru Melitón Manzanas hil zuten.
Uste dut ordurako Zamoran hiru lagun ginela, Juan Mari Zulaika, Felipe Izagirre eta hirurok. Ni hara eraman eta hurrengo egunean ekarri zituzten beste biak. Eskutitz bat jaso zuen bietako batek, esanez euren baserrian sagar bat erori zela. Baina baserririk ez zuten, sagarrik ere ez. Zer esan nahi ote zuen pentsatzen eta pentsatzen, azkenean asmatu zuten Manzanas hil zutela.
Irailean Zamoratik irten, eta Derioko apaiztegian itxialdian sartu zineten azaroan.
Batetik irten eta bestean sartu, kasik arnasa hartu barik. 70 abade, fraide eta jesuita ginen Derion sartu ginenok, azaroaren 4an. Eskutitz bat atera genuen herriaren aldeko Eliza aldarrikatuz. Hilabete inguru eutsi genion han. Abade batzuek ihes egin behar izan zuten, errepresioa itzela zen, gero eta handiagoa, orduko atxilotuek tortura eta tratu txar gogorrak jaso zituzten: Mario Onaindia, Jon Etxabe… eta 1969ko maiatzaren 30ean gotzaindegian itxialdia egitea pentsatu genuen.
Xabier Amurizaren bertsoak esaten du zein eta zein zineten itxialdian: "Bata Gabika, hurren Kaltzada, Naberan ondoren / Amuriza da laugarren / nor falta ete da hemen / guztion buru Nikola [Telleria] jarri behar nuen goren".
Eta gerra-kontseilura zuzenean Burgosera. Zamorakoa kontatuta dago liburuan [Zamorako apaiz-kartzela, Txalaparta, 2011], baina han egon ginen 1976ko martiaren lehena arte. Batera irten ginen Naberan eta biok. Zazpi urte pasatu nituen Zamoran. Irteeran, bila etorri zitzaizkigun senideak, Danbo [Luis Mari Danborenea] abokatua, herriko lagunak… Heldu naiz Lekeitiora, eta jendea zain, baina guardia zibilak ere bai, kalekoz jantzita, tabernarik taberna. Mola jenerala zen gure kalea orduan; herrian, Pulmonia kalea, portua eta plaza biltzen delako han eta sekulako haize korrontea izaten delako. Heldu gara Lekeitiora eta han naroate. Jaisten naiz autotik eta lehenengo besarkada, Enrike gozogilearena. Askatzen du guardia zibilak, kolpez jotzen du aurpegian eta airean botatzen du. Sartu naiz etxerako, eta atetan hantxe senideak. Guardia zibilak muturka hasi ziren, eskularruak jantzita, barruan burdina. Jo dute nire anaia eta matraila apurtu diote. Nire lobak hori ikusi eta borrokan hasi zen guardia zibilekin. Kuartelera eroan zuten, nahiz eta libre utzi zuten. Ni, berriz, Zamoratik orduantxe irtenda, eta borroka haren erdian. Zer pentsatu ez nekiela geratu nintzen.
Harrezkero, AEKn izan zinen lanean urte askoan.
Oso interesgarria izan zen AEK-ko lana. Denetik egin nuen, eta denetik ikasi. Erabilerak behar zuela ardatz izan sartu genuen garai hartan, denbora gutxian jendeak berba egin behar zuela. Eskuzabaltasun handiko garaia izan zen: berdin irabazten genuen denok, gutxi, baina berdin, eta zahartzarokorik-eta barik. Horixe eskatuko nuke nik, orduan gazte-gazte zirenek AEKn egindako urteak kontatzea zahartzarokoan. Nik Gernikako taldearekin egin nuen lan, andrezkoak ziren gehienak, kategoria itzeleko jendea. Gustu handia izan da. Horrela egin liteke lan.
Herri mugimenduetan ere saiatua zara.
Pilo batean ibili naiz, han eta hemen. Lizarra-Garazin eta bestetan. Gogoratzen naiz Gernikan talde mordo bat biltzen ginela, alderdi politikoak eta bestelakoak. Baina PNV ez zen etortzen. Guk, hala ere, batzarra egin eta akta bidaltzen genion, eta etortzeko gonbita egiten. Eta, hala, etorri ziren arte, majo etorri ere. Lizarra-Garazi alferrik galdutako aukera izan zen. Lan handia egin genuen herrian, behetik gorako mugimendua izan zen, serio egin genuen lan. Hura ondo izan balitz beste gauza bat izango genuen orain. Hogei urtetsu dira. Gure Esku Dago-rena ere lan ederra da, hori ere behetik gora etorri da.
Herrigintzan oraindik ere zu.
Bai, herri mugimenduetan, Gernika batzordean… Adin guztietako jendeak egin behar du ekarpena, bakoitzak bere neurrian. Nire edadean ere ekarpena egin ezinik ez dago, protagonismo barik, eta arreta geureganatu barik, baina ekarpena egin, gizartearen abiadarekin batera. Bada asko entzuten den aitzakia bat: "Oraingo gazteak, izan ere…". Nik aitzakia barik ikusten ditut oraingo gazteak, saiatuak, ondo prestatuak, nahiz eta erbesteratze ekonomikoa ere hor den.
Hortxe zu, gazteen eta ez hain gazteen artean.
Bai, neure ekarpentxoa egiten saiatu naiz beti, protagonismo barik, mugimenduak baliatzen, gazteen artean eta adin guztietako jendearen artean. | news |
argia-3404fe4accb5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/ez-ponpeia-ez-gernika-hau-alepo-da-mundu-gerra-baten-epizentroa.html | Ez Ponpeia, ez Gernika: hau Alepo da, mundu gerra baten epizentroa | Pello Zubiria Kamino | 2016-10-09 00:00:00 | Ez Ponpeia, ez Gernika: hau Alepo da, mundu gerra baten epizentroa
2,1 milioi biztanle 2004ko erroldan. Alepo da munduko hiririk zaharrenetako bat, Kristo Aurreko seigarren milurtetik gaurdaino etenik gabe biztanleak eduki dituena. Da? Zen. Ekialdeko auzoak matxinoen kontrolpean, mendebaldekoak gobernuarenean, UNESCOk gizateriaren ondare izendatutako hiria suntsitu dute, zepoan harrapatutako populazio zibila satorren gisa bizirautera behartuz.
Sare sozialetan zabaldu zen oihua bideoz lagunduta irailaren 20an: " Hau ez da Ponpeia, hau Alepo da ". Ez, ez zen Vesubio sumendiak jaurtitako errautsa haur hil eta zaurituak estaltzen zituena, Errusia eta Siriaren hegazkinek jaurtitako bonbek eragindakoa baizik, beren lehergai txit indartsuek eraikin handi osoak birrintzean.
Ponpeiakoa naturak eragindako txikizioa izan zenez, hobe Alepo XX. mendeko gerretan martiri bilakatutako hiriekin alderatzea. Frantziako enbaxadore François Delattrek esan du : "Alepo da Siriako gerran, Sarajevo izan zen Bosniakoan edo Gernika Espainiakoan".
Siria eta Errusiako agintariek, aldiz, bestelako paralelismoa aurkitu diote Alepokoari: Stalingrad , II. Mundu Gerran alemanen inbasio ustez geldiezinak setiatua, sobietarrek amore eman gabe defenditua, azkenean nazien porrotaren hazia erein zuena.
Siriako gerran lehiatzen diren bi aldeentzako badaukan arren epika hori, Alepoko triskantzaren odolezko prezioak hunkitu behar luke mundua. Nazio Batuen Erakundetik humanitatezko gutxienezko legeak ez betetzea aurpegiratu diete Mosku eta Damaskoko agintariei. Ban Ki-moonek adierazi zuen lur jota utzi zutela iraileko azken asteburuko sarraskien berriek. AEBek eta Errusiak itundutako tregua laburra deusetan geraturik, Baxar al-Assaden militarrek Alepon hasitako ofentsiba militar berriaren kalteez ari zen.
Abuztuan gerrak gaiztotzera egin ostean Turkiako armadaren inbasioarekin, iraileko menia neke handiz negoziatuta hitzartu zuten Sirian eskua gero eta barnago sartzen duten AEBek eta Errusiak. Hasieran, 13tik aurrera tiroak erabat ez itzaltzea gorabehera gatazkan interesak dituzten alde gehienak onartuz zihoazen ituna, Damaskoko agintariak, Golkoko monarkiak, OTAN... Ez luzarako, ordea.
Egun haietan Teherango CSR Ikerketa Estrategikoetarako Zentroaren webguneak galdetzen zuen Afifeh Abedik sinatutako analisian: "Errusiaren estrategia Alepon: militarra ala politikoa? ". Iraniarrek ulertzen zuten AEBak eta Errusia Siriako gerraren inguruan adostasun batera hurbiltzen ari zirela, eta bereziki Alepo hiriari zegokionez.
"Analista ugarik uste dute –zioen Abedik– Alepoko gudua hain dela garrantzitsua ezen eta baldintzatuko baitu Siriako krisia bere osotasunean; hala ere, oso gudu konplikatua ere gerta daiteke". Eta Errusia ez zuen ikusten korapiloa askatzeko prest; edo hiri hori askatzeko ez zuelako gastu handiegirik egin nahi, Siriako atal garrantzitsuagoak –funtsean Damasko eta Tartuseko base militarra– ondo kontrolpean zeuzkalako, edo Alepo airetik erasotzeak biktima zibil asko eraginez nazioarteko irudi txarra ekarriko ziolako.
Irailaren 17an gertatu zen seinale gaiztoa. Deir Ezzor hirian AEBen hegazkinek Siriako armadari eraso eta ia ziento bat soldatu hil zizkionean. Washingtondik azkar argitu nahi izan zuten deskuido bat izan zela, gudu-zelaitik iritsitako informazioak analizatzean egindako pettoaren ondorioa. Beste aldetik bestelako interpretazioa egin zen: Siriako ekialdea ia osorik kontrolatzen duen Estatu Islamiarrak Deir Ezzor setiaturik dauka eta AEBek Assaden soldaduak jipoitzean adierazi nahi zuen Siriaren zatiketa egonkortzen laguntzen ziela islamistei. Probokazio bat.
20an heldu zen erantzuna, Umm al Kubrako erasoa : tregua baliatuz populazio zibilari laguntzen ari ziren Nazio Batuen zerbitzuko kamioiak eraso zituzten. Nork? Errusiarren lana izan da, dio mendebaldeak. Errusiak, ukatu. Bi egunen buruan hasi da Alepoko ofentsiba. Ekialdeko auzoetatik matxinoak eliminatzera infanteria bidali aurretik, hegazkinek airetik txirtxilatu dute horietako eraikin oro bonbaka.
Leize morala, mundua adinakoa
Alepon jokatzen da hein handi batean Siriako gerra , ados agertzen dira analista gehienak horretan. Herrialdeko hiririk handiena, eta benetako hiriburu ekonomikoa, Baxar el Assaden kontrako matxinadatik aparte geratua, Damaskok osorik berenagatzen baldin badu nabarmen utziko du gobernua ez dagoela bihar-etzi erortzeko. AEBek, OTAN, Israel eta Golkoko potentziek lagundutako matxinoentzako muturreko galanta. Baina horretarako... Alepo osorik kontrolatu behar du el Assadek.
Ofentsiba berriaren lehenbiziko hiru egunetako bonbardaketetan 200-300 hildako eta askoz jende gehiago zauritu dute. Ospitaleak, bizilekuak, azpiegiturak oro daude eraitsita. Setioaz gain bonbak, hornidurarik ez da kasik iristen Alepoko ekialdeko auzoetara. NBEk Siriarako izendatu bitartekari Staffan de Misturak salatu du iraileko azken zortzi egunak izan direla Siriako gerrak sei urteotan ezagututako gogorrenak.
Damaskoko tropei bidea errazteko hegazkin errusiarrek egindako bonbardatze sistematikoak dira De Misturak salatu dituenak: "Airetik erasotzen ari dira mota berriko armak erabiliz jende asko bizi den auzoetan, tartean sua eragiten duten bonbak, bunkerrak lehertzeko inguru guztia suntsitzen dutenak. Horiek jendez betetako lekuetan erabiltzea gerra krimentzat jo ditzakegu. Hau gelditu beharra dago".
Baina Alepoko irudiak direla eta NBEen biltzarretan Baxar el Assaden eta Errusiaren gerra krimenak haizatzen dituzten AEBetako, Erresuma Batuko eta Frantziako ordezkariek ezkutatu nahiko lukete haiek saldutako arma eta munizio sofistikatuekin beste hainbeste egiten dutela matxino islamistek. Siriako gerra propagandan ere jokatzen da.
Elias Khoury idazle libanotarrak, palestinarren alde lumaz gain armaz ere borrokatutakoak, " Palestina, Siria eta gure itsukeria " artikuluan dio Siriako gerrak erakusten duela munduaren etikaren neurria, 1948an Israelgo Estatua sortzeko ehunka mila palestinar kanporatzeak erakutsi zuen moduan. Nola jarraitu iraganeko masakreak ospatzen esanez "horrelakorik berriro ez!" eta aldi berean isildu egunotan luzatzen ari den Siriako dramaz?
"1948an mundu osoak –dio Khouryk– mundu arabiarrak barne, ezjakinarena egin zuen [Nakbarekiko] edo gezurra esan. Gaur egun inork ezin du esan ez dakienik Sirian zer gertatzen den. Haur siriarren argazkiak bihurtu dira gure unibertsoaren lotsaren ikono, siriarrak hiltzea ohiko egin da indiferentzia bilakatzeraino eta milioika errefuxiatu, etxe gabe, gaixo eta goseturen sufrikarioak gure etxeetan sartu dira, baina hala ere ez dirudi horrek inor kezkatzen duenik. Leize morala mundua adinakoa da".
UNICEFeko zuzendariorde Justin Forsythek esan du : "Alepo hiltzen ari dira pixkanaka eta munduak begira segitzen du, orain gainera ura moztu dute, horra inhumanotasunaren azken erakusgarria". | news |
argia-bf142603cd73 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/marrazoen-bazka-sekretua.html | Marrazoen bazka sekretua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-10-09 00:00:00 | Marrazoen bazka sekretua
Filipinetako itsasoa, 1945eko uztailaren 29a. Mochitsura Hashimoto komandante zuen I-58 itsaspekoaren tiramenean sartu zen AEBetako armadako Idaho klaseko gurutzaontzi astun bat, USS Indianapolis. Gerraontziak ez zeraman eskoltarik eta ez zebilen sigi-saga erasoak saihesteko; jomuga erraza zen.
23:26an, itsaspekoa ontzitik 1.500 metrora besterik ez zegoela, Hashimotok sei torpedo jaurtitzeko agindua eman zuen. Helburua jo zuen eta Indianapolis minutu gutxian joan zen hondora. AEBetako armadak ez zuen gurutzaontziaren SOS seinalerik jaso. Handik ordubetera Hashimotok bidalitako mezua, ordea, bidean atzeman zuten: Idaho klaseko ontziari eraso ziola zioen. Seinalea deskodetu eta uztailaren 30ean, 17:00etan iritsi zen estatubatuarren aginte-gunera. Baina ez zioten jaramonik egin.
Aste batzuk lehenago ontziak karga sekretua jaso zuen: Hiroshiman jaurtiko zuten bonba atomikoaren uranioa eta beste hainbat osagai. Eta egun batzuk lehenago bonba helburuan utzita, misioa betea zuten. Ontzian gutxik zekiten misioaren berri, ontzitik kanpo are gutxiagok. Japoniarren mezua aginte-gunera iritsi zenean, txostenak begiratu eta eremu horretan halako ontzirik ez zegoela ikusi zuten. Japoniarrei atzemandako seinalea hutsegite bat zela ondorioztatu zuten.
Abuztuaren 2an hegazkin batek Indianapolis-eko naufragoak ikustatu zituen jitoan. Hala, ontzia hondoratu eta lau egunera, erreskate lanak hasi ziren, mantso, erreskate ontzia ez baitzen gauera arte naufragoengana iritsi. Indianapolis-en eskifaia 1.199 pertsonak osatzen zuten: 300 bat ontziarekin batera joan ziren itsas hondora; 316 bizirik irten ziren; gainerako 600ak erreskatearen zain hil ziren, ur gazia edateagatik edo deshidratazioak jota batzuk, erasoetan jasandako zaurien eraginez beste batzuk... eta, nagusiki, marrazoek erasota. Misio sekretua sekretuegia zen, ur haietan bizi ziren marrazoen zorionerako. Lau eguneko oturuntza ederra egin zuten AEBetako itsas armadaren kontura.
Estatubatuarren itsas tragedia larrienarengatik harro ez, eta gertatukoaren berri ez zen askorik zabaldu. Harik eta Steven Spielbergek Jaws (1975) film arrakastatsuan hizpide izan zuen arte. Robert Shaw aktoreak jokatutako Quint pertsonaiak, lau minutuko bakarrizketa gogoangarrian, egun haietan uretan bizitakoa deskribatzen du. | news |
argia-ba8771ff5009 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/ez-bilatu-egiarik-dakizun-horretan.html | Ez bilatu egiarik dakizun horretan | Edu Zelaieta Anta | 2016-10-09 00:00:00 | Ez bilatu egiarik dakizun horretan
Sophia de Mello Breyner Andresen idazle portugaldar zenduari irakurri diozu bertso-lerroa: "Não procures verdade no que sabes". Hala ere, egiarik prokuratzeko tentazioan erori zara. Berriz ere. Zure ustezko instintuaren alde. Zure ekintza ugariren kontra.
Datuetan topatu nahi izan duzu egia aseptikoa. Irrati bidez ailegatu zaizu lehenbiziko entrega: Europar Batasuneko barne ministroek duela urte bat adostutako asilo eskaeren %3,1 baino ez dute bete bertako estatuek; hots, 2015eko udan Siriako gerratik ihes egindako errefuxiatu gehien-gehienek ez dute Europar Batasunean sartzerik izan.
Internetera jo duzu gero, zenbaki itxurako pusketa egiazkoen bila: Hungariak eta Poloniak ez dute gerratik ihes egindako pertsona bakar bat ere hartu, Eslovakiak hiru, Bulgariak sei, Txekiak hamabi eta Kroaziak hamalau. Ehunekoen hizkuntzara itzulita, zu bizi zareneko Espainiak esleitua zuen kopuruaren %1,4 besterik ez du hartu, zure jendaki zenbait bizi direneko Frantziak %5,3. Airean gelditu zaizu galdera: eskuzabalago jokatuko ote genuke euskaldunok Euskal Herri independente batean?
"Ez bilatu egiarik dakizun horretan". Aurkikuntza, maiz aski, mingarria izaten da. | news |
argia-ceaddc4564c9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/marwan-abdulal-pahfeko-idazkari-nagusia-libanon.html | "Israel da Al Qaeda eta Estatu Islamiarraren aita ekialde hurbilean" | Ibai Trebi�o | 2016-10-09 00:00:00 | "Israel da Al Qaeda eta Estatu Islamiarraren aita ekialde hurbilean"
Palestina ez da soilik Gaza eta Zisjordania, errefuxiatuak ere badira Palestinaren parte. Ohiko esaera da hori lurralde okupatuetatik ihes egin behar izan duten milioika palestinarren artean, lau miloi baino gehiago. Beste herrialde batzuetan bizi diren palestinarrak erresistentziaren parte aktibo dira eta noski, lurraldearen etorkizuna beren eskuetan dagoela uste dute. Marwan Abdulal Palestinako Askapenerako Herri Fronteko (PAHF, inglesez PFLP) idazkari nagusia da Libanon eta erakundearen bureau politikoko kidea. Erakunde marxistak Beiruten duen bulegoan hartu gaitu Siriako gerraz, Ekialde Hurbilaren egoeraz eta Palestinaz solasteko.
Libanotik gertu dago Siria eta han PAHF borrokan ari da. Zein da zuen papera?
Palestinarrak defendatzen ditugu, autodefentsa gisa. Hori baino ez; ez gara ez alde baten ezta bestearen alde borrokatzen. PAHFen jarrera Siriako barne aferetan ez sartzea da. Siriako talde palestinar armatuei zabaldu behar zaien mezua argia da: Siriako gerran sartzen bazarete, kanpalekuetan bizi diren palestinarrek ordainduko dituzte zuen ekintzen eta arduragabekerien ondorio latzak. Sirian, Iraken edo Libanon bizi garen palestinarren borroka gure gizartea eta gure burua defendatzera mugatu behar da.
Zein da Siriako palestinarren egoera?
Sirian bizi diren errefuxiatu palestinarrak egoera bikainean bizi izan dira, Libanoko palestinarrak baino askoz hobeto, adibidez. Siriako palestinarrak beren eskubide guztien jabe dira eta siriarren eskubide berberak dituzte. Libanon, ordea, ez dugu inolako eskubide zibil eta politikorik.
Zein da zure iritzia Baxar Al Assaden inguruan?
Palestinar batzuek asko maite dute Al Assad eta Siriako erregimena, gauza asko eman dizkigulako. Halere, Palestinako Aginteak ez du harremanik Siriako erregimenarekin; Yasher Arafatek arazo asko izan zituen Baas alderdiarekin eta bere gobernuarekin. Siriako tropak Libanoko gerra zibilean izan zirenean palestinarren errefuxiatu eremuak inguratu zituzten eta maiz arazoak izan ziren bien artean. Herrien arteko harremana ordea, bikaina izan da beti, elkartasun handia izan dugu eta bidelagun ditugu anai-arreba siriarrak.
Siriako gobernuaren aurka borrokan ari diren fakzio palestinarrak ere badira. Palestinarren arteko gerra zibil bat sustatzen ari dira?
Palestinarren zati txiki bat da Siriako gobernuarekin arazoak dituena. Adibidez, Hamas. Anaia Musulmanen mugimenduaren parte da eta Anaia Musulmanek Siriako Gobernua aldatu nahi dute.
Nolakoa da Israelen esku hartzea Sirian?
Amerikarrek arabiar munduko hainbat erregimen suntsitu nahi dute eta horri erantzuten dio Siriako gerrak. Israelek eta amerikarrek babesten dituzten erregimen kriminalen aurkako matxinadarik egon ez izana ez da kasualitatea, Saudi Arabia kasu. Orain Yemen bonbardatzen ari da Saudi Arabia, hango arabiarrak sarraskitzen ari dira.
Israel ez da soilik palestinarren etsaia, arabiar komunitatearen etsaia ere bada, sionistak Apartheid politikaren sustatzaileak dira. Orain Irango Errepublika Islamiarra ere suntsitu nahi dute. Israelek Ekialde Hurbila kontrolatu nahi du eta horretarako Turkia eta Anaia Musulmanen laguntza behar du.
Mapa geopolitiko konplexu honetan, zein da zure alderdiaren posizioa?
Inperialismoaren eta kapitalismoaren aurka borrokan ari diren mugimenduak dira gure lagunak, Latinoamerikan, Europan edo Afrikan. Iraultzaren eta komunismoaren alde borrokan ari direnak beti izango ditugu bidelagun.
Sirian gertatzen ari denak eragina izan lezake Palestinaren etorkizunean?
Bai, noski. Israelek dio "bere burua babesteko" egiten duela gerra. Hezbolaren edo Palestinako erresistentzia estrategiek ideia hori guztiz desmuntatu dute. Israelen benetako asmoa da Iraketik Egiptoraino doan eremua suntsitu eta bere interesen aldeko gobernuak ezartzea. Eskala handiko gerra zabaldu nahi du Israelek. Sirian erregimenaren aldekoen eta kontrakoen eta erlijioen arteko zatiketa geografikoa sustatu nahi dute. Irakekin egin zutena egun Sirian gertatzen ari da. Haientzat Siria da eskualdeko etsairik inportanteena eta gainera, harreman bikainak mantentzen ditu Iranekin edo Errusiarekin.
Palestinari dagokionez, Siriako Gobernuak erresistentzia palestinarra babestu eta sostengatu izan du historian. Hezbolak Israel garaitu zuen Siriaren laguntzari esker. Hori da hain zuzen, guk behar duguna. Irak suntsituta, orain Iranen babesaren esperantza dugu, laguntza behar dugulako.
Zein da Siriako eta Ekialde Hurbileko gatazken konponbidea?
Siriak irtenbide politikoa behar du, gatazkari konponbide militar bat ematea ezinezkoa baita. Estatu Islamiarra eta mundu osoko mertzenarioak ari dira Sirian borrokan. Tunisian eta Egipton gertatutakoak antzeko bidetik doaz. Amerikarrek sustaturiko "iraultzek" gerra ekarri dute arabiar mundura.
Daesh (Estatu Islamikoa) aipatu duzu. Zer harreman dago Mendebaldeko indarren eta Sirian borrokan diren hainbat talde islamiarren artean?
Sukalde-lana batera egiten dute talde islamiar erradikalek eta Israelek, adibidez. Israelgo ospitaletan Al Nusra Fronteko (Al Qaeda) milizianoak artatzen dituzte. Estatu sionistak egin eta emandako armak erabiltzen ditu Estatu Islamiarrak eta Israelgo hainbat militarren aholkularitza izan dute. Israel da Al Qaeda eta Estatu Islamiarraren aita ekialde hurbilean.
Israelen aurkakoa da behar dugun udaberri arabiar bakarra. Estatu sionista suntsitu behar da eta hori izan behar du arabiar guztien helburua.
Israelekin konponbide posiblerik ikusten al duzu?
20 urtez konponbidea bilatzen saiatu garen arren, Israelek bere konponbidea baino ez du nahi, bere mesedetan dagoena. AEB dute bidelagun eta babesle. Israelen konponbideak palestinarren zatiketa du ardatz. Konponbiderik gabeko prozesua iruditzen zaigu nazioarteko komunitatearen proposamena.
Orain 'bi estatuen' konponbidea proposatzen digute: "Bi estatu, bi herri". Gure ustez, aldiz, bi konponbide baino ez daude: Israel desagerraraztea edo Israelen konponbidea ontzat ematea. Bien bitartean, gure aukera bakarra erresistentzia da, erresistentzia osoa. Estatu batek inbaditu gaitu eta erresistentziaren hautua egin dugu prozesu iraultzaile baten alde mundu arabiarrean.
Palestinaz ari garenean, ez gara Zisjordaniaz edo Gazaz bakarrik ari, baita mundu osoan barreiatuta dauden errefuxiatu palestinar guztiez ere. Guztion proiektua da Palestina. Palestinar guztion proiektu nazional gisa ulertzen dugu erresistentzia. | news |
argia-48e0748f1bdc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/haginaga-baten-peskizan.html | Haginaga baten peskizan | Jakoba Errekondo | 2016-10-09 00:00:00 | Haginaga baten peskizan
Haginetik haginaga. Hagina, Taxus baccata , haziak erabili beharrik gabe ugal daiteke. Adar muturretako kimuak, aldaxka gisa, aldatu eta landare berriak sortzeko gai dira. Aldaxka landare "amaren" puska bat besterik ez denez, bertatik sortuko den landare berria haren berdin-berdina izango da: hostajearen kolorea, adarrak emateko joera, tamaina, kemena... Klon bat izango da. Klona, aurrekoaren berdina, ezaugarri berberak dituena besterik ez da. Horrek abantailak ditu, eta horiek gure alde erabiltzen azkarrak izan behar dugu. Bertako haginen aldaxkak erabiltzea da kakoa. Kanpotik ekartzen ditugun haginak ez dakigu nondik sortuak diren, zein tokitako klimara eta lurrera egokitutakoak diren. Hemengo mendietan berez sortutako hagin zaharrak, ordea, bertan milaka urtean osatutako amona-ama-alaba kate baten katebegi dira, milaka urtean bertara egokituz eta aurrinduz egundaino iritsitakoak dira. Horiexen klonak izango dira gero ere hemen, zeure lurrean, ondoen bizi eta iraungo dutenak; edozein direla ere, etorkizunean sor daitezkeen baldintza berrietara bizitza moldatu eta espeziearen iraupena lotuko dutenak.
Eta nola sortu zuhaitza adar muturretik? Landare "ama" aukeratu, arra edo emea. Izerdia ondroso darabilen edozein urte sasoi ona da, martxotik abendura. Nire ustez, udazkeneko sasoi hau da, hala ere, onena. Adar sano eta indarrean daudenak aukeratu. Arrabete inguruko muturrak moztu, ebaki garbia eginez. Adar puskak erdi biguna eta erdi gogorra izan behar du, ebakitako tokian egurra egiten hasia dena. Alboetan adartxoak baditu moztu eta kendu, baita lurpean sartu beharko dugun beheko aldeko hirutik bitako hosto guztiak ere. Sustraiak bizkorrago emateko, batetik soildu dugun aieka horretako azalean axaleko zauritxoak egin, labanarekin karraskan, adibidez, eta bestetik aldaxkaren oineko ebakia zanpatu zauria itsustuz. Lur beltza eta hondarra erdibana nahasi, eta, esan bezala, hirutik bi lurpean sartu. Lurperatuko dugun zati hori aurretik hormonatan blaitu. Itzalzalea da hagina; neguan izotzak harrapatuko ez duen toki freskoan jarri. Lurra lehortzen ez utzi, baina ito gabe ureztatu. Egokiena hormonak dituen ura da, haziekin (dilista, Lens culinaris ; txitxirio, Cicer arietinum ; babarrun, Phaseolus vulgaris ; arto, Zea mays ; gari, Triticum spp ; olo, Avena sativa ; hirusta, Trifolium spp ...) edo zume adarrekin ( Salix spp ) egina. Hagin batetik haginaga. | news |
argia-6f5dad7e5976 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/baserria-xxi.html | Elkarrekin nekazaritza iraunkorra lantzen eta gizarte arazoei erantzuten | Garazi Zabaleta | 2016-10-09 00:00:00 | Elkarrekin nekazaritza iraunkorra lantzen eta gizarte arazoei erantzuten
Azken urteetan sortu den Baserria XXI ekimenak, Gipuzkoan agroekologia oinarri hartuta lanean dabiltzan baserritarrak eta lehen sektoreko langileak biltzen ditu. Elkarren arteko harremanak josteko beharra zegoela ikusita, bailaraz bailara lurra lantzen zebilen jendea topatzea eta elkartzea izan zen lehen lana.
Beste ezer baino lehen, elkar ezagutu
Lehen asanbladak elkar ezagutzeko izan ziren, batez ere: nortzuk ziren aurkeztu, zer egiten zuten azaldu... Baserritar askok hartu zuten parte hasierako asanblada horietan.
Elkarte berria sortzeko prozesua dinamizatzeko, Joxemi Zumalabe Fundaziokoen laguntza jaso zuten. Antolatutako hainbat saiotan, partekatzen zituzten zailtasunak eta hutsuneak identifikatu zituzten. Bestalde, elkartearen barruan lantaldeak osatu zituzten: desobedientzia, presioa eta okupazioa, formazioa eta sareak jostea eta antolaketa eredua eta merkaturatzea.
"Baserria XXIen funtzionatzeko modua asanblearioa da: lantalde bakoitzak ordezkariak ditu, txandakatu egiten direnak, eta hileroko bileran parte hartzen dute ordezkari horiek, kudeaketa lana egiteko", kontatu du Ane Gorosabel Baserria XXI elkarteko kideak.
Urriaren 1eko hitzordua
Urriaren 1ean Donostian emandako prentsaurrekoa hitzordu garrantzitsua izan da Baserria XXI elkartearentzat, eta orokorrean Gipuzkoako lehen sektorearentzat. Herrialdeko nekazari eta abeltzainak elkartu eta taldearen aurkezpena egitea zuten egun horretako helburu kideek, lehen sektorearen aniztasuna islatuz nolabait. "Azken urteetan lehen sektorean lanean hasi garen gazteak nahiz 40 urte honetan daraman jende helduagoa, guzti horiek batzea da gure nahia".
Lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu zuten taldeko kideek prentsaurrekoan: "Eguneroko jardunean arituko gara, gure lur eta baliabide naturalak nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorrerako erabil daitezen, lurrik gabekoek lurrak eskura ditzaten, emakume baserritarrei dagokien garrantzia aitor dakien, herritar guztiok, baina batez ere txikienek, kalitatezko elikagaiak jateko eskubidea bermatua izan dezaten".
Eurek dioten bezala... "Eutsi lurrari!" | news |
argia-3db9939fc10a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/independentzia-xxi.html | Independentzia XXI | unknown | 2016-10-09 00:00:00 | Independentzia XXI
Elkarrekin Podemos zen hauteskunde hauetako berritasuna eta, berritasuna izateko, neurria eman egin du, hamaika diputatu; baina udaberrian zeruko atarietara jaso zuten milaka boto haietatik 150.000 hauteslek galdu diote duela hiru hilabetekoaren memoria. Hauteskunde orokorretatik autonomikoetara egon daitekeen ezberdintasun politiko hutsa baino atxikimendu mota ezberdina galdu ote duen nago, baina ez naiz kapaz zehazteko.
Berritasuna du aitzaki Idoia Mendiak PSE-EEren gainbehera geldiezina esplikatzeko. Arrazoi du, etxean gelditu ez zaizkion botoetatik asko indar berri horrek eskuratu ditu. Baina arrazoi hori teknikoa da, aritmetikoa, inolaz ere ez politikoa. Politikan galdetu egin behar da indar berri horrek zergatik eragin dien eskuinekoak ez diren alderdiei. Berritasunetik hara badago arrazoiren bat oso larria, kanpainaz gaindi, legegintzaldian bidaide izan duen alderdiak gora egiteko eta berritasunaren mesedetan galtza-zorroak eta dena galtzeko. Erantzun politikorik ematen ez zaion bitartean Euskal Herriko sozialismoaren gainbeherari galga jartzea oso izango da zaila.
Idoia Mendiaren arrazoia aritmetikoa da, inolaz ere ez politikoa. Politikan galdetu egin behar da indar berri horrek zergatik eragin dien eskuinekoak ez diren alderdiei
Eta bestea ezker abertzalea, nago ez duela asmatzen bakardade politikoan gelditu dela ala txapeldunorde gelditu dela erabakitzen. Biak dira egia, bietarako ere berritasun ospetsu hori jarri dute aitzakia, baina erantzun politikoa, oraingoz behintzat, suertatu zaion bakardadea da. Tokitara joan zaio nazionalismoaren diskurtsoan azken urteotan izan duen nagusitasuna; ikuskizun datozen urteotan nazionalismoak egingo duen bilakaera. Gau elektoraleko unerik loriatsuenean, politikoki larrienean alegia, inor hasi zen ametsetan Elkarrekin Podemos, PSE-EE, eta behar ziren etsai guztien bilketan. Eskuina atera da gehiengo absolutuarekin, EAJ-PP, bada ez bada ere ahaztu behar ez dena.
Zer merezimendu aitortu dizkio EAJri euskal hautesleriak? Esango nuke gizarte baketsu bilakatzen ari garen honetan inolako tentsio larririk eragin ez izana eta herri honetan gauden sentsibilitate nagusien arteko desorekarik sortzen saiatu ez izana. Estu, larri eta haserre bizitzea baino askoz hobe dela ezberdina aitortuz egitea. EAJ jabetu dela esango nuke independentismotik, aldebakartasunetik, zenbat eta urrutiago hainbat eta erantzun hobea ematen diotela herritarrek, eta XXI. mendeko independentismoa asmatu du. Jakin egin behar zertan datzan hori eta zer diferentzia dauden bien artean. Horretan emango dugu hurrengo legegintzaldia, nazionalismoaren baitako bi diskurtsoak bereizten eta, herritarren borondatez, XXI. mendeko hori dela nahiago duten ustea sendotzen. Gehiengo sindikalaren baimenarekin beti ere, horiena ere ez ahaztekoa izan da. | news |
argia-a609a51680f3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/nafarra-ez-irunekoa.html | "Nafarra ez, Iru�ekoa" | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-10-09 00:00:00 | "Nafarra ez, Iru�ekoa"
1974ra arte atzerritarrek ezin zuten jokatu Espainiako futbol ligan. Baina hamarkadaren hasieran jokalari hegoamerikar andana iritsi zen lehiaketara, espainiar "jatorrikoak" salbuespena baitziren. Eta senide zuzenak ez zituenak, asmatu egiten zituen.
Ramon Alberto Aguirre Suarez argentinarra 1971n hasi zen Granada taldean jokatzen. Bernardino Perez entrenatzaileak jaso zuen aireportuan eta zera esan zion ostikoak baloiari baino aurrelariei emateagatik ezaguna zen defentsari: "Esan ezazu aita iruindarra duzula".
Aurkezpenean kazetari batek galdetu zion: "Beraz, aita nafarra duzu, ezta?" Eta hark erantzun: "Nafarra? Ez, Iruñekoa". | news |
argia-9495580b551d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/alternatibarik-gabe-eaj-garaile.html | Alternatibarik gabe EAJ garaile | Asier Blas Mendoza | 2016-10-09 00:00:00 | Alternatibarik gabe EAJ garaile
Hauteskunde kanpainako tenore berdineko emaitzak izan ditugu igandean. EAJri inork ez zion erabateko oposizioa egin Lehendakaritzarako alternatiba gisa aldarrikatzeko. Jeltzaleek ondo jakin dute eztabaidaren markoa definitzen eta inposatzen. Denek onartu zuten bere jokoa, denek hitz egin zuten kudeaketaz Espainiari begi bat edo bi jarriaz.
Ondorioa argia izan da, garaipen handia lortu du EAJk. Nahiz eta partaidetza jaitsi eta alderdi berri bat sartu Eusko Legebiltzarrean, jeltzaleek 13.000 boto eta bi parlamentari gehiago irabazi dituzte. 29 diputaturekin inbestidura erraza segurtatua dute, nahi izanez gero beste alderdien babesik gabe. Bestalde, legeak eta aurrekontuak aurrera ateratzeko, EAJk alderdi baten babesa baino ez du behar eta negoziatzeko lau ate ditu, horrek botere handia emango dio bere agenda eta politikak nagusitzeko edozein akordiotan. Inoiz baino gehiago euskal politikak EAJren inguruan pibotatuko du.
Herri akordioak eraikitzeko adostasunaren espazioa murriztu da, agenda independentista eta ezkertiarraren kaltetan. Beste diferentzia bat da EH Bilduk dituen emaitza desorekatuak eskualdez eskualde. 1998an EHek boto dezente gehiago zituen Bilbo Handian, gaur egun galera hau EH Bilduk konpentsatu egiten du eskualde euskaldunagoetan irabazten duenarekin. Hau kezkatzeko datua da ikuspegi nazionala duen alderdi batentzat
EH Bilduk 17 diputaturekin arnasa hartu du. Espainiako azkeneko bi hauteskundeetako emaitzak amesgaiztoa baino ez zirela izan berretsita, Otegik oso irakurketa baikorra egin du, bidean 50.000 boto eta lau diputatu utzi dituzten arren. Urruti dago baina, 2012ko agertokia. Horregatik, EH Bilduk atera dituen emaitzak ulertzeko 2015eko foru hauteskundeekin alderatzea litzateke egokiena. Urte betean 18.000 boto galdu ditu, 1998an Euskal Herritarrok-ek (EH) atera zuen boto kopuru antzekoa lortzeko. Halere, badira diferentzia garrantzitsu batzuk, oraingoan Ezker Abertzalea EArekin eta Alternatibarekin doa koalizioan eta horrek nabarmen moderatu du bere diskurtsoa. Herri akordioak eraikitzeko adostasunaren espazioa murriztu da, agenda independentista eta ezkertiarraren kaltetan. Beste diferentzia bat da EH Bilduk dituen emaitza desorekatuak eskualdez eskualde. 1998an EHk boto dezente gehiago zituen Bilbo Handian, gaur egun galera hau EH Bilduk konpentsatu egiten du eskualde euskaldunagoetan irabazten duenarekin. Hau kezkatzeko datua da ikuspegi nazionala duen alderdi batentzat.
Elkarrekin Podemos indartsu sartu da Eusko Legebiltzarrean, baina espektatibak ez ditu bete. Koalizio morea ez da gai izan 2015eko hauteskunde foraletan Ahal Duguk eta Irabazik atera zituzten emaitzak errepikatzeko, 20.000 boto inguru utzi dituzte bidean eta espainiar hauteskundeetan lorturiko botoen erdira ere ez dira iritsi. Hautagai ahulek eta mezu lausoek ez dituzte lagun izan, nahiz eta arazo nagusia Espainia osoko alderdi guztiek pairatzen duten berdina izan duten: partaidetza baxua.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan inoiz izan dugun partaidetza baxuena 1994koa izan da, ordutik aurtengoa da kaskarrena %62,26rekin. Borroka ardatz nazionalean tentsiorik ez dagoenean, alderdi espainolistek zaila dute beren hautesleria mobilizatzea. Horregatik, kaltetu nagusia PSE-EE izan da, baina baita PP ere. Bien artean botoen %22,1 lortu dute eta Eusko Legebiltzarreko ordezkarien %24. Bestalde, erabakitze eskubidearen aldeko botoak %73,71 izan dira eta parlamentuko eserlekuen %76. Eusko Legebiltzar autodeterminazio zaleena izango da hurrengo legegintzaldikoa. Halere, gauza bat da alderdiek gai horren inguru duten posizio politikoa eta beste bat da erabakitze eskubidea lehenesteko borondatea. Ez dirudi Elkarrekin Podemosek izan duen emaitzarekin gai hau lehenesteko asmoz egongo denik eta antzera pentsa daiteke EAJri buruz. Izan ere, horrelako gaiak mahai gainean jartzeak tentsioa igoarazi dezake eta egun EAJk duen hegemonia politikoa galtzeko aukerak sorrarazi. | news |
argia-6932070688e3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/barnetegi-ibiltaria.html | Euskaraz bizi nahi dugu | Dani Blanco | 2016-10-09 00:00:00 | Euskaraz bizi nahi dugu
AEK-k antolatutako barnetegi ibiltarian 36 lagun bildu ziren uztailean. 15 egun, 350 kilometro, Muskizetik Ezpeletara. Euskara maila politekoak denak, etengabe euskaraz aritzeko irrikaz. Kide horietako bat izan zen ARGIAko Dani Blanco argazkilaria. Argazkiak egin zituen, nola ez, eta bere gogoetak ere ekarri ditu hona.
Egunero mendian ibili garenez, naturari lotutako terminologia ikasteko aukera polita izan dugu. "Zenbat sasi eta iratze!", "Nik ez dut horrela esaten", "Eta nola esaten duzu ba?". Euskal Herri osoko ikasleak izanda, sinonimoak ikasten fin ibili gara.
Irakasleek gure artean hitz egitea bultzatzen zuten. Batzuetan jolasak egiten genituen, goiko argazkian ikusten den moduan, mihia astintzeko. Gutako askok ez dugu etxean euskaraz egiten, batzuek lantokian baino ez, beste batzuentzat euskaltegia da euskaraz egiteko aukera bakarrenetakoa. Horregatik joan gara barnetegira, etenik gabe euskaraz egiteko. Hitzen bat ateratzen ez bazitzaigun, erdarazkoa 'euskerizatu' eta aurrera!
Kiroldegietan, frontoietan, AEK-ko geletan egin dugu lo. Abeslarienak ordea, ez ziren oheratzen kantaldia egin gabe.
Lagun batek esan dit beheko argazkia ikusita antzematen dela bukaerarako gure artean konfiantza giroa indartu zela. Harreman estuak egin genituen, eta horrekin batera, Ezpeletara, helmugara, iritsi ginelako poz-pozik geunden. A, hauxe den-denok ikasi genuen esaera barnetegi ibiltarian: 'Baba atera zait oinean'. | news |
argia-933efd661b88 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/maryam-fathi-errefuxiatu-kurdua-bilbon.html | "Kurdistango gerrillarien benetako irudia ez da begi handiak eta Angelina Jolieren antza dituen gazte batena" | Jabi Zabala | 2016-10-09 00:00:00 | "Kurdistango gerrillarien benetako irudia ez da begi handiak eta Angelina Jolieren antza dituen gazte batena"
Kurdua eta emakumezkoa Iranen, errefuxiatua Europan. Hiru zama horiei kontrajarri die Maryam Fathik kontzientziaduna eta aktibista izatea… Eta gailendu da. Bere sorterrian jazarpenari eta matxismoari aurre egin zien eta, iheslarien odisea gainditu zuen. Bilbon bizi da egun, erizain laguntzaile lanean, eta kurduen aldeko ekimen ugaritan esku hartzen du.
Nolakoa da zure sorterria, Rojalat eskualdea?
Irango Kurdistanen zati bat da, hamahiru edo hamabost milioi biztanle daude. Sorani eta kurmanji mintzatzen dira, hurrenez hurren, kurdueraren bi dialekto nagusiak. Nire hiria, Marivan, Irakeko mugatik lau kilometrora dago eta militarizatutako gunea da. Bertan Kurdistango mugimendu asko sortu dira historian. Pixka bat iparrerago, Mahabad-en, Kurdistango errepublika sortu zen 1946an, hamaika hilabete iraun zuena. Preso politiko asko daude eta jende asko exekutatu dute. Kurdistanen bihotzean sentitzen zara han, denak kurdueraz mintzo dira Marivanen eta Mahabaden, eta janzkera kurdua daramate.
Administrazioa guztiz arrotza da ordea.
Bai, ekintzaile asko daude baina administrazioa erabat estatuaren esku dago, inoiz ez da bertan gobernadore kurdurik egon. Irandarrak edo Irango Gobernuaren aldeko kurduak dira hango agintariak. Hauteskundeak egiten dira, baina gobernuak aldez aurretik onartu behar ditu hautagaiak eta ez dago legeztatutako alderdi politikorik. Giza eskubideen aldeko elkarteko presidente Mohammad Sadiq Kabudvand-ek bederatzi urte daramatza kartzelan… Atera kontuak. Irango preso politiko gehienak kurduak dira eta iragan urtean mila preso baino gehiago exekutatu dituzte.
Plazan, jendaurrean?
Eskualdearen arabera, kurduen gunean ezin dute hori egin, kartzela barruan egiten dute. Iaz estreinakoz preso sozial bat exekutatzen saiatu ziren Sanandaj-en, kalean, baina jendetzak eragotzi zuen, presoa salbatu zuten. Jada ez dira ausartzen, herritarrak bizi daudelako eta kalean eginez gero matxinada arriskua dagoelako. Irango parte batzuetan, ordea, bai egiten dute hori.
Zerk bultzatu zintuen Irandik alde egitera?
Iran estatu islamiko xiita erradikala da, eta han emakumea ez da gizakia. Kartzela handia da emakumeontzat, are gehiago kurdua bazara. Emakumeen ezkutuko antolakunde batean ari ginen eta gobernuak gure aurkako sarekada egin eta kide batzuk atxilotu zituen. Harrapatua izanez gero, abokaturik gabeko bost minutuko epaiketa batean heriotza zigorra edo kartzela zigor luzea duzu zain. Beraz, egun batetik bestera alde egitea besterik ez zitzaidan geratu.
Kurduekiko zer jarrera du oposizioak?
Irango oposizioak oraindik ez du onartzen kurduen autodeterminazio eskubidea, herrialdea apurtu nahi dugula diote. Bilera asko egin dituzte kurduekin erbestean, baina ez dute ezta federalismoa ere onartzen. Gehienekin ez ditugu harreman onak, gutxi batzuekin bai. Denetarik dago, baita errege izandakoaren semea ere, egunen batean agintera heltzekoa asmoa duena, baina hori ezinezkoa izango da.
Estatu kurdurik izango da noizbait?
Irakeko aldean asko hitz egiten ari dira estatu independentea sortzeaz, baina eskubide falta handia dago Irakeko Kurdistanen. Nik nahi dut gizarte justiziaren, ekologismoaren eta feminismoaren alde borrokatuko den Kurdistan bat, eta gizartea arlo horietan antolatu daiteke estatua izan gabe ere. Abdullah Ocalanek esana da: "Kurdistan ez da inoiz libre izango emakumeak libre ez badira".
Mendebaldean, bitartean, gerrillari gazte eder baten irudia nabarmendu da.
Begirada sexista da hori. Kurdistango gerrillarien benetako irudia, guretzat emakume ederra dena, ez da begi handiak eta Angelina Jolieren antza duen 19 urteko gazte batena. Mendebaldeko ikuspegia da hori, errespetu falta handia. Zergatik ez dute emakume horren ideologiari buruz hitz egiten? Badakitelako ideologia horren arabera itxura fisikoak ez duela garrantzirik. Borroka honetan milaka emakume prestu galdu ditugu azken 45 urteotan. Parisen hildako Sakine Cansiz buruzagia, Iranen urkatutako Shirin Alam Holi edo Rojavan hildako Arin Mirkan komandantea, Estatu Islamikoari Kobane gaineko mendia hartzea eragozteko bere burua leherrarazi zuena. Milaka emakumek bizia eman duten borroka hori sexismoaren aurkakoa da. Emakumeak panpina baten moduan erabiltzen dituen sistema kapitalista honen aurka ari gara borrokan.
Matxismo handia dago gizarte kurdu tradizionalean?
Emakume kurduen lanaren %70 gure gizartearen barruko matxismoaren kontrakoa izan da, populazioaren ikuspegia aldarazteko. Matxismoa sakon errotuta dago gizartean, gizon kurdu bakoitza erregetxoa da bere etxean.
Askatutako guneetan, aldiz, Siriako Rojavan kasu, gizartea asko aldatu da azken urteotan.
Sakonki aldatu da, bai, eta antolakuntza maila are interesgarriagoa da borroka armatuaren garaipenak baino. Turkiako Kurdistanen badira herritarren kontrolpeko komuna batzuk, diruzaintza batzordea, justizia batzordea dago, herriko jendeak dira delituen gainean erabakiak hartzen dituztenak. Rojavan ari dira emaitzak jasotzen, baina Turkiako Kurdistanen urte asko daramate hau guztia prestatzen. Rojavan dabiltzan borrokalari gehienak Turkiako kurduak dira eta heren bat Irangoak dira, ez dituzte mugak onartzen eta borrokarako bat egiten dute. Sinjarreko gudua izan zenean, Rojavako gerrillariak Irakeko Kurdistanera joan ziren eta mendian zeuden yazidi herriko milaka lagun salbatu zituzten Estatu Islamikoaren setiotik. | news |
argia-c255eea429ee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/liburua.html | Kondentsazioa | Igor Estankona | 2016-10-09 00:00:00 | Kondentsazioa
Lainoa janez-janez ibiliko bagina legez goaz bizitzan aurrera Igerabideren poema liburu fin eta xamur honen orrialdeak zeharkatuz, euri fin bat sentituz, denbora. "Oren guziek dute poeta kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen". Bitartean hausnarketa eta sentitze bat da mundua: "Euria ari du hilerrian/ eta zu ez zaude zutik".
Busti-busti egingo gaituen zirimirira ateratzea bezalakoa da Lainoa janez honetan paseatzea; ez dauka berba bat bestea baino altuago esana, ez dauka mutur bat findu gabea, pisu bat alferrik, errepikapen bat erredundantea izango dena. Finean, idazlearen ofizioaz gozatzeko liburu horietako bat da. Existe dios al noroeste oteizarra barruntatuko balu legez doa Igerabide heriotzaren eta bizitzaren muga den euriaren ertzetik, eskutik eroango zaitu zu ere bidaia atsegin tristean: "eta udazkena hanka-puntetan igarotzen da/ gaztaina-morkotsen gainetik,/ izan-nahia ziztatuz/ izan gabe garenoi".
Poesia existentzial honen bertute nagusia da, nire aburuz, zabala eta detailez betea den munduari sano lotua dagoela. Ez da diskurtso eta teoria zalea idazlea: "Neskatoa txirristan dator/ euririk gabeko errealitatera;/ etxeko lanak ditu mahai gainean./ Hortxe jaio zitekeen poeta bat". Eta izan zitekeenaren eta gertatu denaren arteko zidorretatik ibiltzea bera bihurtzen da horrela helburu. Bizitza bizitzeko dela da mezua. Beraz filosofikotik baino gehiago dauka Lainoa janez honek bizizaletik. Edertasun distira bat, hitzek oharkabean egin dioten jokoa, zabalik utzitako poema-bukaera bat… heriotzari iskin egin eta beti bizitzari kantatzeko prest, ezerez nihilista baino askoz argiagoa da Igerabideren euri-egun hau. Eta nahiz eta sinetsi egun batean hilen garela hutsean eroriak ezerezean amilduak hauts bihurtuko garela, oraindik maitaraziko dizkizu bere argi-ilunak, bere eguneroko plazer eta bihotz-minak Maisuki marrazten du natura bat egin bere aldartearekin, metaforak baino perfektuagoak diren argazkietan: "Han, urrunean, itsasoa/ olatuen mende./ Ez dago kairik amodioarentzat;/ noraeza baino ez./ Ez dakit alaba kontsolatzen/ maiteuzte baten ondoren". Izan ere, Juan Kruz Igerabidek lortu du depurazio bat itzela, lanak eta barne-aztertze zintzoak emana urterik urte, liburuz liburu. Giharrean ukituko zaitu halabeharrez, estetikoki zein esanahiaren aldetik, Lainoa janez honek ere: bustiko zara goitik behera erdi behe laino erdi euri langar ederrean. | news |
argia-264d76092b1e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/umorez-bizi.html | Umorez bizi! | I�aki Murua | 2016-10-09 00:00:00 | Umorez bizi!
Harrizkoak bagina bezala gabiltza bizitzan, keinu sinpatikorik gabe, goxotasuna adieraztea eta ahulezia erakustea gauza bera direlakoan. Trenak bagina bezala, beti muturje berarekin!
Adibidez, horretarako apropos jarritako ekinaldietan barre egitea ongi ikusita dago. Baita kamera ezkutua jarri eta jendearen hanka sartzeekin nahiz jende horri berari barre egitea ere. Eta kontuz serio jarraitu, programaren batek barreak txertaturik dituen unean!
Nik uste, ohiturazko jardun edo bizio nahiz entrenamendu beharko genukeela, umore bilatzailearena. Zenbat hitzaldi, klase, mitin, aurkezpen irentsi behar izaten dugun umore tanta bat bera ere gabekoak, hotzak, negukoak! Hara, gure herriko apaiz bati Negus deitzen genion, ez dakit beltzagatik hala neguak lan gehiago ematen ziolako.
Kontua da ideiak modu erakargarrian transmititzeko premia barneratzea. Behin, emakume bat nor zen galdezka ari zen Lazkao Txiki eta batek azaldu zion "hori, beltzezko hori? Viuda da, halako ta halakotakoa…" eta Lazkao Txikik: "Viuda e, bi uda, negu bat baino hobe! Hik ez al dakik alarguna esaten?". Hori bai elegantzia eta elejantzia!
Duela hiru urte Angel López mexikar inprobisatzaileari, aurrez jakinarazi gabe, bere bertso-ibilbideari buruzko hitzaldi bat eskatu zioten.Honela, taldekideek saioetara joateko, bi eguneko bidaiak oihanean oinez egiten zituztela esan zigun. Behin, saio batetik bueltan, mendiko etxola batean otordua egin omen zuten eta ordaintzeko garaian, ezetz, egina zegoela, etxekoandreak. Orduan, esker onezko bertso batzuk kantatu zizkioten, baita emakumezkoa hunkituta negarrez hasi ere. Angelek jakin nahi izan zuen ea zerk hunkitu zuen hainbeste eta emakumezkoak: "Azokara bidean, zama garraioan lan guztietan lagun nuen astoa, urrea baino finagoa, joan zen hilean akabatu zitzaidan eta zure kanta-erak, haren irrintzia gogorarazi dit!". A zer lezioa eman zigun bat-batean. Bere buruari horrela barre egiten dakiena bada nor!
Umorea erabiltzeko joera bagenu, maitatuago ginateke, baita Osakidetzak ere, kuttunago gintuzke edo behar gintuzke; gaixo hobeak izango ginateke, txakalaldi gutxiago izango genuke, eta gainera, hobeto eramango genuke bizitza gaitza.
Lehengo batean, gure eskolan jarri duten komun berrian sartu ginen parkinsona eta biok, argia pizteko mugimendua antzematen duen foto-zelula horietakoa daukan komunean. Sartu ginenean piztu zen eta irten arte ez zen itzali. Barrez aritu nintzen abantailaz konturatzean; sano daudenak argia itzalitako bakoitzean, ilunpetan, esku edo besoekin imintzio xelebreak egiten irudikatuz. | news |
argia-4e6a1905ed0e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2524/post-rock-doinu-sendoa.html | Post rock doinu sendoa | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-10-09 00:00:00 | Post rock doinu sendoa
Baionako Torii taldeak kaleratu du I.O. (Iparrorratza) zigiluaren lehen diskoa. Jurgi Ekizaren ekimenez sortu da zigilua, Ipar Euskal Herriko taldeen lanak argitaratzeko.
Rock eta post rock aireak suma daitezke Torii taldearen kantuetan. Gitarren riffak eta haien arteko jolasak edo elkarrizketak, erritmo aldaketak, melodiak eta kantuek transmititzen duten energia azpimarragarriak dira.
Musikari bakoitza trebetasunez aritzen da bere tresnarekin, abeslaria ere bai, batzuetan sumindurik eta beste batzuetan leun, eta ederki zehaztu dute bakoitzak zein toki betetzen duen kantuan. Karlos Osinagarekin grabatu dituzte kantuak Tolosako Bonberenea estudioetan, Karlos Osinagak berak egin ditu nahasketak, eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin du Azkarateko Mamia estudioan. Ekoizpen lan ona egin dute. Doinu indartsua gauzatu dute, sendoa, garbia, naturala.
Kantuen bidez, beren gogoeten, kezken eta sentimenduen gainean gordin mintzo dira: "Egun ikusi dut, hil zen gizon bat, bere inguruan mundua irriz eta dantzan, egun ikusi dut hilzorian zen mundua, bere gainean gizonak irriz eta dantzan" ( Makur eta itsu ), "Eroriko nintzela pentsatzen nuenean, etsipenaren menpe bakarrik nintzenean, hatsa hartu ezinik, agertu zinenean" ( Itzalak argitu ), "Jan, edan, lasai, dena kontrolpean dago, ez, ez zaitugu utziko batzen ta oldartzen" ( Kontrolpean ), "Zure oreka atxeman, denbora hartu, eta itzuli, egin duzunaren gainean, eginen duzunaren aintzinean, eta sartu biziaren dantzan" ( Oreka ), "Itxurakeriaren erregea, garbitasuna bere jauregia, bazterketa bere boterea, bere epaia ezeztaezina" ( Itxurak ), "Eguzkia dut orain ikusten, bidean gelditu naiz hitz egiten ortzimugari, oihuka biziaren mugeri" ( Ortzadarra ).
Zimur sendoak osatu baino lehenago Torii taldeak beste bi disko kaleratu ditu: Bi (2014), hiru kanturekin, eta Lehenbiziko Atea (2012), sei kanturekin. | news |
argia-a4369c56ba0d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/nerea-fillat-katakrak-proiektuko-kidea.html | "Hau ezin da izan aldaketa politikoak ekarri behar zuen guztia" | Reyes Ilintxeta | 2017-06-04 00:00:00 | "Hau ezin da izan aldaketa politikoak ekarri behar zuen guztia"
Nerea Fillat iruindarra aktibista da. Kontraboterea, feminismoa, elikadura burujabetza eta eraldaketa soziala moduko kontzeptuak egunerokoan tresna eraginkor eta emankor bihurtze aldera lanean dihardu.
Non daude zure pentsaera politikoaren lehen oinarriak?
Nire bizitza baldintzatu duen elementu oso garrantzitsua izan da ikastolan ikasi izana, 80ko hamarkadan Iruñean ikastolen inguruan egon zen mugimendu horretako partaide izatea. Eszenatoki politikoan, horrelako gauzek sakonki baldintzatzen zaituzte, hiriko mapan hizkuntzaren afera garrantzitsua denean. Oso eraginkorra izan zen guregan, ez soilik hizkuntzarengatik, baita garai hartan ikastolek zuten zentzu komunitarioarengatik ere. Ideia komunitario horri zentralitatea eman nahi izan diot nire bizitza osoan.
Zure ikasketak eta lehen lanak harri zaharren artean kokatzen dira?
Historia ikasi nuen eta historiaurrean espezializatu Nafarroako Unibertsitatean eta Madrilgo Complutensen. Arkeologia maite dut eta arkeologo lanean aritu nintzen hainbat urtez. Espainiako higiezinen burbuilaren garaia zen orduan eta egin ziren hainbat eta hainbat lan publikoren ondorioz, arkeologoek lan pila izan genuen. Ikasi eta berehala hasi ginen lanean, krisia iritsi arte.
Asko sufritu behar izan zenuen ondare suntsipenarengatik?
Gazteluko Plazako aparkalekua bezalako afera gogorretan ez nintzen aritu, baina Iruñea eta Logroño lotzen dituen Bideko Autobidean adibidez bai, eta Lizarra aldean aztarnategi asko daude. Oso metafora argia da ikustea nola pasatzen diren hondeamakinak ondare arkeologikoaren gainetik. Horrek ez du zentzurik, baina, finean, erabaki politikoak dira eta kito.
Nola pasa zinen indusketetatik Eguzki Bideoak ekimenera?
Tarte batez kultur ondarea eta turismoa lantzen zituen enpresa batean aritu nintzen lanean, baina utzi nuen beste grina batzuk sentitu nituelako. Enpresa politikoak deitzen ditugunak sortzen ari ziren, oso gertutik ezagutzen nituen. Lana eta eraginkortasun politikoa elkartzen dituzten figurak ziren eta horretan murgiltzea erabaki nuen.
Eguzki Bideoak kolektiboan hasi nintzen parte hartzen. Oso mugimendu interesgarriak egon ziren 2000. urtearen bueltan. Alde batetik, krisia oraindik ez zen gero izan zena bezain sakona, eta beste aldetik, garai hartan gertatu zen mundu analogikotik digitalerako jauzi erraldoia. 2004an, Iruñeko Udalak Euskal Jai gaztetxea hustu eta eraitsi zuen. Mundu mailan, antiglobalizazioaren zikloaren amaiera iritsi zen. Ondorioz, lana eta militantzia elkartu zitezkeela pentsatu genuen. Eguzki Bideoak kolektiboan hiru pertsona hasi ginen lanean, guk " experimento " deitu genion ekimen hartan.
Argazkia: Dani Blanco.
Helburua zein zen?
Ni iritsi nintzenerako haiek hamar bat urteko ibilbidea zuten egina, Eguzki Irratitik abiatuta. Kontrainformazioaren ildoari jarraikiz, ikus-entzuneko kontrainformazioa egitea zen helburua: kolektiboak grabatzea, dokumentalak egitea… Digitalizazioaren etorrerarekin ekoizpena nabarmen azkartu zen. Garai hartan, gainera, jende gehiagorekin elkarlanean aritu ginen, Itoizko urtegiaren edo gaztetxearen hustuketaren kudeaketa informatiboa antolatzeko, adibidez. Oso garrantzitsuak izan ziren gatazka horiek bizi genituenontzat. UPNk oso ongi zekien zertan ari zen. Kontrabotere guneak oso ongi ezagutzen zituen eta bazekien zein ondorio ekarriko zituen haiek kolpatzeak. Gaztetxea bota zutenean gune horietako asko desartikulatu eta pertsona asko umezurtz gelditu ginen.
Higiezinen zikloaren argazkia oso latza da. Hala ere, konplizitate eta mugimendu oso interesgarriak sortu ziren ondoren. Hemengo kooperatibetatik, beste hirietako mugimenduen ereduetatik eta gaztetxearen inguruko taldeetatik sortu zen humusa beste proiektu batzuk abiatzeko, horietako bat La Hormiga Atómica liburu-denda. Katakrak bada mugimendu horien jarraipena. Katakrak ezin da ulertu La Hormiga gabe.
"Zaintza baloratzen ez den bitartean, ez dago ezer egiterik ez politika instituzionalean, ez kooperatibetan, ez kolektiboetan, ez inon. Zergatik egin behar zaio uko zaintzari? Lantzen ditugun eredu horiek guztiek ez dute balio, horretarako denborarik ez badugu"
Tamainaz gain, zer alde dago bata eta bestearen artean?
Helburua, hirian duen eragina, eraginkortasuna, lanean ari den jende kopurua, forma juridikoa, proiektuak… Orain gaitasun handiagoa dugu beste hainbat gauzatan eragiteko. Hemengo kantinan eta tabernan elikadura burujabetzaren inguruan egin diren gogoetak oso garrantzitsuak izan dira, esate baterako. Esparru honetan lan egiteko modu berri bat eratu dugu: ekoizleekin konfiantzako harreman zuzenak ezarri, sareak sortu, errespetuzko harremanak bermatu, prezio justuak mantendu, eta batez ere, toki bat zabaldu dugu non produktu horiek kontsumitu daitezkeen modu errazean. Funtsezkoa bide hori sortu izana da. Gauza bera esan genezake liburu-dendaz, ekitaldi aretoaz eta berriki sortu dugun argitaletxeaz.
Garrantzitsuena da ikustea nola Katakraken inguruan sortzen diren harremanetatik beste batzuk sor daitezkeen. Harreman bertutetsuak dira.
Adibidez?
Oso tematua nago ikastetxeetako jantokien ereduarekin. Gaur egun zabalduta dagoen eredua, catering zerbitzuak irizpide pedagogikorik gabe, ezin dugu onartu gure seme-alabentzat. Hemen eta hau bezalako espazioetan sortzen diren harremanetatik etor daitezke erantzunak. Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan hasi dira bertako elikagai ekologikoetan oinarritutako elikadura eredua ezartzen eta hurrengo pausoa izanen da eskola guztietara eramatea. Bagoaz aurrera. Ez da guk sortu dugun mugimendua, baina gu prozesu horren parte gara.
Toki fisiko bat izatea noraino da garrantzitsua harreman horiek gauzatzeko?
Ezinbestekoa da. Hala ere, esparru fisiko handia izateak lan handia dakar eta horregatik agian ez ditugu oraindik lortu hasieran genituen helburu batzuk, esate baterako eztabaida politikorako denbora gehiago izatea.
Argazkia: Dani Blanco.
Baina Katakrakek ekarpena egin dio Nafarroako aldaketa politikoari…
Bai. Hau izan zen eztabaida saioetan alderdi politiko guztietako kideek parte hartu nahi izan zuten toki bakarra, adibidez. Baina hemendik aurrera ez dago erantzun itxirik, egoera itxita ez dagoelako. Oraindik ez dugu definitu Katakrakek zein egiteko izan dezakeen oraingo Iruñean. Sortu zenean argi zegoen hiriak behar zuela esparru bat handia, anitza, baldintzarik gabea, non eztabaida politikoak eta bestelakoak sor zitezkeen, halako jardueretarako udalak ez baitzuen deus eskaintzen. Orain Udalak amatavox edo kultur zentroetako baldintzak aldatu ditu, denon zorionerako, eta horrekin batera gure egoera ere aldatu da.
Hurrengo hauteskundeetan aldaketak jarraituko duela uste al duzu?
Aldaketa mantenduko da sinesgarria baldin bada. Ez dauka beste deus. Orain ez da bereziki sinesgarria. Ezin dut sinetsi aldaketan gaudenik. Badakit gauza batzuk hobetu direla, eta ongi dago, baina minimoa iruditzen zait. Hau ezin da izan aldaketa politikoak ekarri behar zuen guztia. Hiri hau oraindik oso gogorra da jende askorentzat.
Argitaletxea sortu berri du Katakrakek. Zein helbururekin?
Kapitalak gogoko ez dituen harremanik sortzen ez badugu, esan nahi dut, konfiantza eta burkidetasuna helburu dutenak, ez dugu bermatuko bestelako bideak ireki ahal izatea. Baina kontuan hartu behar dugu dena ez dela mikro politikoa, gainazalean ere eztabaidatzea garrantzitsua da eta horregatik zabaldu dugu argitaletxea. Beste eztabaiden mailan eragiteko tresna jarri dugu abian. Zein liburu argitaratu nahi dituzun hautatzen duzunean, zein tokitan egon nahi duzun erabakitzen ari zara eta zein ideia hartu nahi dituzun eztabaidetarako abiapuntu gisa.
Zer da feminismoa?
Askatasun handiagoa lortzeko bide bat. Feminismoak proposatzen dituen harremanak gauzatuko balira, mundu askatzaileagoa sortzeko aukera izango genuke. Lana, kontsumoa, egitura guztiak, erabakitzeko modua, zer den errespetua, zer den garrantzitsua… kontzeptu horiek guztiak sistema patriarkalean oinarrituta daude. Feminismoa da harreman horiek guztiak aldatzeko tresnetako bat, garrantzitsuenetarikoa, nire ustez.
Une honetan oso tresna eraginkorra ari da izaten, muga asko izanik ere. Hortik izendatutako gauza ugari gizartearen erdigune bilakatzen ari dira gaur egun: bortizkeria; sexu erasoen kontrako jarrerak; erakunde, alderdi politiko eta esparru publikoetan emakumeak egoteko beharra… Hori dena aspalditik aldarrikatzen da feminismotik eta gaur egun hedabideetan ditugu egunero. Aurrerapauso handia da.
"Iruñea oraindik oso gogorra da jende askorentzat"
Parekotasunaz zer iritzi duzu?
Ez dut uste parekotasuna irtenbide bakarra denik. Ez da askatzeko bidea, baina erabakimen postuetan soilik gizonak egotea okerrago da. Beraz, lan egiteko tresna da. Kontraesan horretan bizi naiz. Bestalde, kuoten bidezko banaketak edo kremailera zerrendak egiten direnean, entzuten da emakume batzuk ez daudela aski prestatuta zenbait kargutara iristeko, baina ez dago argi hor dauden gizonak haiek baino hobeak direnik. Balore patriarkaletan oinarritutako pentsamenduaren ondorioa da.
Eta amatasuna? Batzuetan ematen du azalpenak eman behar direla ama izan nahi izateko.
Zainketen krisiaren ondorioa da azalpenak eman behar izatea. Zaintza mahai gainean dugun erronka handi bat da. Hemen bizia antolatuta dagoen bezala, zaila da jendea errespetuz edo egin nahi den bezala zaintzea. Horregatik azken urteotan eztabaida sakonak daude amatasunaren inguruan. Batzuek eredu berriak proposatu dituzte, zainketa naturalen ingurukoak esate baterako, baina ez nago seguru horiek askatzaileagoak direnik, hain zuzen ere komunitateaz eta baldintza materialez mintzatzen ez direlako.
Katakraken amatasunaren inguruan eztabaidatzeko eta pentsatzeko taldetxoa sortu genuen iaz, eta Amatasuna, ekonomia eta komunitatea hitzaldi sorta antolatu zuen. Ekainean ama eta kartzela gaiaz arituko gara eta hemendik gutxira alokairuzko sabelei buruz.
Etorkizunari begira zer sumatzen duzu?
Ezin dut erantzun borobilik eman. Katakrak ereduan sakondu behar dugula uste dut, ikuspuntu anitza eta kolektibotasuna zentroan jartzen dituena. Gauza gehiago ere baditut esku artean, baina egunean ordu gehiago beharko nuke. Saiatzen naiz oso muga itxiak jartzen eta hemendik kanpo gauza konkretuei eusten. Hala ere, argi dago militantziaren eredua gizon aske batena dela. Bilera guztiak arratsaldeko zortzietan dira, eta nik adibidez, bi ume txiki izanda, askoz zailagoa daukat dinamika horietan parte hartzea. Hori ikusten ez den arte, zaintza baloratzen ez den bitartean, ez dago ezer egiterik ez politika instituzionalean, ez kooperatibetan, ez kolektiboetan, ez inon. Zergatik egin behar zaio uko zaintzari? Zergatik ez du izan behar eramangarria? Lantzen ditugun eredu horiek guztiek ez dute balio, horretarako denborarik ez badugu. Hori da feminismoaren erronka: erabakitzea zein gauza diren garrantzitsuak eta horiei bere lekua ematea. | news |
argia-6da69d3d7426 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/alain-urrutia.html | Irudien berezko indarra | Xabier Gantzarain | 2017-06-04 00:00:00 | Irudien berezko indarra
Aurtengo martxoan Oier Aranzabalek ZuZeurako egin zion elkarrizketan , artistak hauxe zioen: "Irudiz inguratuta gauden garaiotan, ez dut uste irudiak irakurtzeko gai garenik". Bere lanekin antzera gertatzen da: ikuslea heldulekurik gabe uzten amorratua da Alain Urrutia (Bilbo, 1981eko urriaren 29a).
Bere hitzetan: "Aurretik existitzen diren irudien irakurketa berriak bilatzen ditut. Honetarako euren errealitatea berreraiki eta berezkoa duten istorioa eta narrazio bat eraikitzeko aukera ezabatzen diet. Itzal joko bat, non ezabatze eta ezkutatze tekniken bidez iheskorrak diren irudiak sortu eta irudien xehetasun batzuk nabarmentzen diren."
Bere koadroetako irudiei ikusleak ezin ezarri die hitzik, historiarik, narraziorik: irudi hutsak dira
Erdiz erdi lortzen du helburua. Bere koadroetako irudiei ikusleak ezin ezarri die hitzik, historiarik, narraziorik: irudi hutsak dira. Iraganik eta gerorik gabeko uneak, eta hala ere historikoak: eraikiak. Izenburuek laguntzen dute batzuetan, zeharka, baina batek ezin dio inoiz oratu bete-betean irudiari, ezin dio eman zentzurik, ez dago lasaigarririk. Irudi hutsak dira. Eta irudi izate horren berezko indarra azaltzen da orduan, eta ikusleak ez du irudia ikusi beste erremediorik. Irudiz inguratuta gauden garaiotan, artistak irudia hartu, narrazioa ezabatu, eta bere horretan ematen dio ikusleari: begiratu.
Pinturari buruz ari da beti, ezinbestean, irudiak zabaltzeko orduan pinturak zein funtzio duen galdetuz bezala, eta funtzio hori bera aldarrikatuz era berean: hartu astia, begiratu. Edonondik hartutako irudiak dira, argazkiak gehienetan, gero bere koadroetara eramaten dituenak, baina ez du inporta hainbeste zer, zer irudi den, zer erakusten duen, baizik eta nola: nola ikusten ditugu irudiak?
Ikuskizuna ez da irudien bilduma bat, irudiek egindako jendeen arteko harreman soziala baizik. Guy Debord. | news |
argia-85c42b8081df | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/javier-valdezi-12-bala-eta-kazetari-bat-gutxiago-ustelak-salatzen-mexikon.html | Javier Valdezi 12 bala eta kazetari bat gutxiago ustelak salatzen Mexikon | Pello Zubiria Kamino | 2017-06-04 00:00:00 | Javier Valdezi 12 bala eta kazetari bat gutxiago ustelak salatzen Mexikon
125 kazetari hil dituzte bortizki Mexikon 2000tik gaurdaino, aurten bertan zazpi. AEBak drogaz hornitzen dituen herrialdean, ustelkeriaren salda berean bizi dira agintari politikoak, konpainia handiak eta talde mafiosoak. Poliziak, militarrak eta sikarioak nahasten dira bere ekonomia nazioarteko itunen poderioz hondoratzen ikusi duen Mexiko honetan. Kazetariak hemen lekuko gogaikarriegiak dira.
Maiatzaren 15ean, hil zuten egunean, Javier Valdez 11:56etan irten zen Rio Doce astekariko erredakziotik. Oscar webaren administratzaileari " Dios me bendiga " esan zion, despeditzerakoan ohi zuenez; "...eta konfesaturik harrapatu zaitzala" erantzun Oscarrek irribarrez, betiko broma osatuz. Astekariko hiru langilek ikusi zuten azkenekoz kazetari lodikotea. Minutu gutxi lehenago Valdezen kapelu ezagunarekin elkarri argazkiak egiten arituak ziren txantxa artean. Irten zenetik ez ziren bost minutu izango paseak eraikineko bizilagun bat sartu zenean bulegoan "zuen lankideetako bat tirokatu dute!" oihuka.
Antza denez, bere Toyota gorrian sartu eta ehun metro egiterako bidea itxi zion auto zuri batek. Bi gizonek belauniko jartzera behartu ondoren kale gorrian 12 tiro eman zizkioten, bat buruan. Horrela mututu zuten Culiacanen (Mexiko) Sinaloa estatuko narkotrafikoaren inguruko gatazka odoltsua inork baino hobeto kontatzen zuen kazetaria, Rio Doce astekarian eta La Jornada egunkarian idatzitako kroniketan, baina baita liburuetan ere: Miss Narco, Huérfanos del narco, Malayerba, Narco Periodismo. La prensa en medio del crimen y la denuncia…
2011n eman ziotelarik Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Saria, hitzaldian esan zuen: "Sinaloako Culiacanen arriskutsua da bizirik egotea eta kazetaritza egitea da ibiltzea zanpatuz lerro ikusezin bat, narkotrafikoan eta Gobernuan dauden gaiztoek egindakoa. Erne ibili behar da denarekin eta denekin".
2000 urtetik Mexikon 125 kazetaritik gora hil dute, narkotrafikatzaileei egotzitako krimenen kontabilitate ofizialetan. Ez asko, Felipe Calderonek 2007an narkotrafikoaren kontrako gerra deklaratu zuenetik Mexikon bizia galdu duten 170.000ren artean. Gehiegi, inor ausartu dadin askatasun minimo batez informazioa bermatzera munduko herrialderik arriskutsuenetakoan gertatzen denaz. Mexikon ofizialki hildako kazetarien zerrendetatik kanpo geratzen dira kazetari desagertuak, hedabideetako beste langileak, hiriburutik urrutik irrati komunitarioetan ari diren profesional eta boluntarioak.
Mexiko hiriburutik, gaiok jorratzen dituen Proceso astekariak bi kazetari galdu ditu, horietako bat bere lagun eta guzti, eta gaur dauzkan 15 kazetarietatik 7 heriotza mehatxupean daude. Tartean Jose Gil Olmos kazetari beteranoa, 1994an Chiapasen soldaduek egindako bortxakeriez idatzi zuenetik. Kazetari mexikarrek bizi duten egoera dramatikoa eta batzuetan surrealista ere dirudiena azaldu zuen otsaileko Memoire des luttes aldizkari frantsesean.
"Gerrako korrespontsal bilakatuta gaude –zioen Gil Olmosek–, baina gerra ez konbentzional batekoak. Gatazka klasiko batean bada fronte bat gutxi gora behera marraztua. Mexikon inork ez daki nor den nor. Poliziek, bai udalenek, estatuarenek edo federalek, eta bai militarrek borrokan aurrez aurre aurkitzen dituzte krimen organizatuaren talde armatuak, gehi autodefentsak –herri miliziak batzuetan kartelek edo agintariek manipulatuak– eta polizia komunitario indigenak. Gertatzen da agintearen indarrak beren artean borrokan hastea ere".
Gerretan Press afixa erakusten den bezala, Mexikon kazetariek ezkutatu egiten dute hala direnik. Proceso ko kazetariek protokolo zorrotza betetzen dute leku arriskutsuetara doazenean: inoiz ez joan bakarrik, ez eraman grabagailurik, hoteletan saltzaileak dira, kontroletan baserritar aurkezten dira, autoa ez alokatu hiriburuan matrikulagatik, ez edan alkoholik, kontuz hurbiltzen zaizkizun emakume politekin, erredakzioarekin Telegram enkriptatuaren bidez komunikatu... Baina hiriburutik urrun gune gatazkatsuetako hedabideetan ari diren kazetariek ez daukate eskueran horrelako mozorrorik.
Etsita ere aurrera jarraitu
1967an Sinaloako Culiacanen jaioa, soziologia ikasia, ia 30 urte zeramatzan Javier Valdez ek kazetaritza egiten hiriburutik 500 kilometrora. Azken aldian jarraipen berezia egina zion Mexikoko agintariek Joaquin Chapo Guzman AEBetara estraditatu ostean Sinaloako kartelaren barruan sortutako liskarrari, narkoen hierarkia dagoelako jokoan.
Maiatzaren 3ko La Jornada egunkariko kronika batean kontatu zuen Chapo ren semeek eta Damaso Lopez El Licenciado k edukitako elkarrizketa bero bat, tiroka amaitu zena. Irakurleari eskainitako xehetasunek erakusten zuten Valdezek zer nolako ezagutza zeukan Sinaloan gertatzen ari denaz. Azken albistea hil baino egun pare bat lehenago plazaratu zuen: "Komando batek Navolato (Sinaloa) herriko zinegotzi bat hil du".
Valdezek kontatu izan zuen nolako presioak jasaten dituzten bera bezalako kazetariek alde guztietatik. Narko talde batek indarra galtzen badu, buruzagia atxilotu badiote, kazetaria deitzen dute albistea publikatu ez dadin; ordu beteren bueltan beste talde batek telefonatuko dio zuzendariari exijituz albistea publikatzeko, eta geroago hirugarrenak, aginduz lehen orrian eta hitz handitan plazaratzeko. Azkenean, kazeta plazaratu bezain fite, sikario talde batek kiosko guztietan banan bana erosiz desagerrarazi ditzake ale guztiak. Aldi berean, erredakzio barrutik ' oreja ' (salatari) batek mafiosoei ezagutarazi die halako albistea jakin bat nork egin duen, eta hurrengo zenbakietarako zein gai ari diren jorratzen aldizkarian.
Valdez aspaldi zegoen etsita kazetaritzaren porrotarekin. Narkoa ikertu eta eztabaidatzea alboratuz, orain hedabideak hildakoak zenbatzera mugatzen direla, ez dituztela kontatzen jendeen istorioak, hiltzaileenak, biktimenak. Beldurrak eta autozentsurak gaina hartu dutela Mexikon. Kroniketan sinesten zuen, nahiz eta jakin idatzirik onenak ez duela bilduko osorik infernu hura.
Valdez ez zen baikorra etorkizunaz. 2011n nazioarteko saria eman ziotenean geroaz galdetuta esan zuen: "Hau oraindik are gehiago konplikatuko da. Narkoagatiko bortizkeriak aurrera egingo du, gobernu federalak aurrera egingo baitu hau gerra bailitzan tratatzen, funtsean negozioa denean: arma gehiagok, soldadu, polizia, ekipo eta patruila gehiagok ekarriko dute heriotza eta bortxa gehiago eta eguneroko beldurra, bizimodu bat. Baretzera joko balu ere, konpondu ezina da orain arte gertatuak gure 30 milioi haurri eragindako kaltea, gaztetxotan eta handitan beren haurtzaroa gerrate moduan oroituko dutelako. DNAn, geneetan, larruazal barruan eramango dute bolbora, odolen zipriztina, kakalarriari eutsi ezina. Nire buruari galdetzen diot aurrekari horrekin zer heldu jende izango diren, zer guraso, funtzionario, gidari politiko, ekintzaile, maisu. Hori da beste heriotza, gure etorkizunarena, horra gatazka honen emaitzarik tristeena, okerrena". | news |
argia-a4d065365bbf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/andres-daniel-sainz.html | "Euskal Herrian ekoizleak falta dira" | Gaizka Izagirre | 2017-06-04 00:00:00 | "Euskal Herrian ekoizleak falta dira"
Joan den hilabetean Donostian errodatu zuten For the good times lanaren xehetasunak irakurri eta ikusi ostean, datozen hilabeteetan zeresan ikaragarria emango duen ekoizpena izango dela iragartzen dizuet. Kris Kristofferson-en izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion film labur hau, Andrés Daniel Sainz zuzendari donostiarraren lan berria da.
Komedia melodramatiko moduan aurkeztu duten ekoizpen honek zera kontatzen du: aitalehenak urteak betetzen dituenez, familia osoak eguna ospatzea erabaki du seme zaharrenaren jatetxean. Guztien artean sekulako sorpresa prestatu diote. Afaria baino apur lehenago ordea, semeetako batek, Xabierrek, iragarri du bere bikotekidearekin azalduko dela. Gehienek homosexuala dela susmatzen duten arren, Xabierren sorpresa guztiak ez dira hor amaituko.
Film labur korala dela ere esan liteke. Ramon Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Iñigo Gastesi, Aitor Beltrán, Miren Gaztañaga eta Gorka Zufiaurre. Grabaketan egoteko aukera izan dut eta, sinets iezadazue, antzezle erraldoi hauen erakustaldiaren "erruz", emozioz beteriko uneak biziko dira; aipamen berezia merezi dute azaltzen diren bi umeek ere, Imanol Mujika eta Haritz Rodriguez –lehena, gainera, Aundiya filmean ikusteko aukera ere izango dugu–; eta amaitzeko, Cowboy abeslaria, Giorgio Basmatti.
Gidoi oso sendoa eta Euskal Herrian –nik dakidala behintzat–, inoiz tratatu ez den gai bat jorratzen du proiektu honek –ez dizuet zehaztuko zein den–. Horren erantzule nagusia, aipaturiko Andrés Daniel Sainz. Behin errodajea amaitu eta post-produkzioan murgildurik dauden honetan, berarekin hitz egiteko aukera izan dut.
Pozik al zaude?
Oso-oso pozik eginiko lan eta esfortzuarekin. Batzuk pertsonalki lehenagotik ezagutzen ez nituen arren, errodajea amaitu denean, lagunak direla esan dezaket, familia txiki bat sortu dugu. Zoragarria izan da eman duten guztia.
Zure aurreko lana – Haiku 1975 – eta hau hain desberdinak izanik, badute antzekotasunik?
Bai. Istorioa, aurreko lanaren beste muturrean kokatzen den arren, eta narratiboki normalagoa izan arren, bietan lengoaiaren mugez aritu nahi izan dut. Muga horiei, kasu honetan, familien arteko erlazioei buruzko hausnarketa bat ere gehitu nahi izan diet. Familian zer esaten den, eta batez ere, zer ez den esaten.
"Sekulako maila dago Euskal Herrian, genero mota ugari ukitzen dira eta kalitate eta estilo oso desberdinak topa daitezke"
Deigarria egiten zait, hasiberria izanik, adibidez, aktoreen artean izen nahiko potoloak ageri direla ala argazki zuzendaritzaren erantzulea Kalo Berridi ( Airbag , La ardilla roja , 8 apellidos vascos ) ezaguna izatea. Nola izan da hori posible?
Tartean, guztiak konbentzitu duten ezinbesteko faktore bat egon delako: gidoia. Irakurri duten ia guztiek parte hartu nahi izan dute proiektu honetan. Hori eta Vidania films, Alberto Gastesi eta Loinaz Jauregik sekulako lana egin dutelako. Beraiei esker, alderdi artistikotik kanpo dagoen guztiaz erabat ahaztea lortu dute. Lan ikaragarria egin dute eta zuzendari batek egin beharko lukeen lan horretan soilik zentratu nadin lortu.
Orain muntaia lan guztia amaitzean zein da helburua? Zerekin egongo zinateke pozik?
Lan hau ahalik eta jende gehienak ikustea, hori da niretzat ezinbestekoa. Hortik aurrera etor dadila etorri beharrekoa.
Film laburrez ari garela, nolakoa da euskal film laburren panorama momentu honetan? Kalitatezko edukiak daude? Nazioartean oihartzunik badute?
Bai, nik uste sekulako maila dagoela Euskal Herrian. Genero mota ugari ukitzen direlako eta kalitate eta estilo oso desberdinak topatu daitezkeelako. Lan hauek guztiak mugitzerako orduan Kimuak (Euskal Herriko film laburren aukeraketa) adibidez, ezinbestekoa iruditzen zait. Lana ikaragarri errazten dute, erakusleihoan egoteko aukera eskainiz eta, garrantzitsuena, zure lanari "kalitatezko zigilu" moduko bat itsatsiz.
Sekulako kalitatea dagoela diozu baina, izen edo lan konkreturik emango zenuke?
Bai, errazena hori izaten da gainera. Film laburretan, Koldo Almandoz, bere Deus et machina zoragarriarekin adibidez; Alberto Gastesi, Rafa Zubiria, Lander Camarero, Laida Lertxundi eta Aritz Morenoren lanak ere apartak direla uste dut; Roberto Castónen Ander eta Los tontos y los estúpidos , Fernando Francoren La herida , Asier Altunaren Amama ; Loreak jakina; Leire Apellanizen El último verano ; Gorka Bilbao eta bere Jai Alai Blues bikaina; Imanol Rayoren Bi anai ; Cobeagaren Negociador ; José María de Orbe Donostiarraren Aita … asko aipatuko nituzke.
"Sentsazioa dut hemen bakoitzak bere proiektuarekin arriskatu behar duela, ez dago nazioarteko ikuspegirik"
Ekoizpen ugari aipatu dituzu baina, gidoia idatzi, ekoizpenak sortu edo mugitzerako orduan, Euskal Herriko "makineriaren" barruan akatsik ikusten duzu? Laguntzarik bada?
Gidoi bat idatzi ostean, oso zaila egiten zait Euskal Herrian gidoi horrekin zer egin behar dudan jakitea, nola mugitu, nori erakutsi, nora joan. Ekoizleak falta direla uste dut, egile zinema edo proiektu txikiagoak bultzatu nahi dituztenak batez ere. Ekoiztetxeak badira, bai, baina gehienetan auto-ekoizleak izaten dira. Hortxe Amama eta Loreak en kasuak adibidez: gidoi zoragarriak biak, baina Txintxua Films eta Moriarti existituko ez balira, ziurrenik bi film horiek ere ez. Existitu bai, baina beste era batean grabatuta, agian beste hizkuntza batean. Bestetik, film laburretan dauden laguntza horiek guztiak, luzera salto egitean, zeharo galtzen dira, desagertu. Sentsazioa dut bakoitzak bere proiektuarekin "arriskatu" behar duela, ez dago nazioarteko ikuspegirik.
Aurten Tabakaleran irekiko den Zinema eskolan, zinegileak soilik ez, ekoizleen formakuntza egotea ere ezinbestekoa iruditzen zait.
Hurrengo proiekturik?
Bai. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso genuen eta urtea amaitu baino lehen, El tercer hombre izeneko film laburra errodatuko dugu. Oso desberdina izango da, estilo-ariketa moduko bat.
Imajinatu mugarik gabeko aurrekontua duzula, zein motatako zinema egitea gustatuko litzaizuke? Nazioarteko eta Euskal Herriko zein aktore aukeratuko zenituzke?
Ez zait generoen barruan etiketatzea gustatzen, guztiak interesatzen zaizkit, ez dago genero txarrik. Aktoreei dagokionez, nazioartekoak, Joaquin Phoenix, Tony Leung, Juliette Binoche eta Isabelle Huppert adibidez. Eta etxekoak, Aitor Beltran eta Ramon Agirre gizonezkoen artean. Emakumezkoak aldiz, film laburrean parte hartu dutenen artean kosta egingo litzaidake. Dena den, aukeratzeko eskatzen didazunez, orain momentu honetan, Itziar Ituño eta Miren Gaztañaga aukeratuko nituzke. | news |
argia-cef80debaafb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/mocoako-erreakzioak.html | Mocoako erreakzioak | Eli Pagola | 2017-06-04 00:00:00 | Mocoako erreakzioak
(A klasekidea)
Facebook-a zabaltzean
azaldu den lehena.
Zeinen desberdina den
oraina ta lehena…
Nahiz berez den aspaldi
pasa zitekeena
horrenbeste hildako,
ze samin, ze pena.
Latza da Errusian (*)
pasa berri dena.
(*) Errusian atentatua izan zen.
(B klasekidea)
Gure anai gaztea
ez da inon ageri,
desagertuta doa
hiru egun t´erdi,
ez dakienez ezin
joan da igeri…
gajoak izan arren
zailtasun gehiegi
senak bizirik dela
esaten dit neri.
(Juan Manuel delako bat)
Ene, hegoaldean
ze tragedia, ai!
Gobernuak kontua
hurbiletik darrai,
ate denak zabalik
ditugu zuen zai,
egingo dugu gure
eskutan den zernahi,
(orain arte ez baina
gaurtik aurrera bai?)
(Bertako bat)
Gertatu berri dena
ezin dut sinetsi…
hogei urtez guardia
ez dut inoiz jetsi.
Dozena bat oilasko,
etxe eta hesi,
dena ibaian behera
joan zait ihesi.
Halako desgrazirik
ez nuen merezi.
(Orojakile bat)
Herria egonik bi
ibairen erdian
gutxi ez eta beste
baten atarian.
Betidanik egin du
euri gehiegi han
ta joera mantendu
da azken aldian…
zerbait aurreikusi
ziteken agian.
(Aktibista bat)
Mocoako erronka
ez denez makala
Gobernua aktiba
bedi berehala
erreskate taldeak
sortuz nola hala
militar, gerrilero
zein zibil bezala
aukera duen orok
lagundu dezala.
Laurehun desagertuen
bilatze jardunak,
hil diren berrehun eta
berrogei lagunak…
kontatzera bultza nau
gai-gordintasunak
sei testigantza egun
hauetan entzunak.
Lasai eska ditzala
gehio nahi ditunak.
Doinua: Itziarren semea
* Eli Pagola Energia Berriztagarrien ingeniaritzako 4. mailako ikaslea da. Kolonbiako Caquetá erregioan ikasten ari da. Martxoaren 31 eta apirilaren 1aren arteko gauean euriteek lokatzez estali zuten Mocoa herria. | news |
argia-6e4938f36d03 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/paula-tordesillas-salva-el-suelo-kanpainako-koordinatzailea.html | "Lurzorua babesten ez badugu egoera kaotikoa dator" | Hegoi Belategi | 2017-06-04 00:00:00 | "Lurzorua babesten ez badugu egoera kaotikoa dator"
Lurzoruek ezinbesteko papera dute ingurumena zaintzeko orduan. Hala ere, Europan urtero 1.000 kilometro koadro inguru asfalto bihurtzen dira, egunero 500 bat futbol zelairen tamaina. Industriak, baita nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboek ere, landa zein hiriguneetako zoruen bioaniztasuna hondatzen dituzte. Egoera irauli nahi dutenetako bat da Paula Tordesillas ingeniari agronomoa, Ekologistak Martxan elkartea Espainiako Estatuan egiten ari den Salva el suelo (Salbatu zorua) kanpainako koordinatzaile nagusia. Bilbon izan da lurzoruen degradazioaz hitz egiten.
Lurzorua aipatzen duzu, ez lurra. Zein da bien arteko ezberdintasuna?
Lurzorua hilik dagoela uste dute askok, baina guztiz kontrakoa da. Substratu bizia da eta lurzoruaren arabera, ekosistema mota ezberdinak osatzen dira. Badakigu mikroorganismo eta ornogabe mordoa bizi direla zoruan, ezinezkoa da jakitea zein konplexuak diren ekosistema horiek, oso gutxi ikertu baita haien inguruan. Baina argi dago garrantzi ekologiko handikoak direla. Zorua, ordea, hil daiteke eta hiltzen ari da. Urbanismoak, meatzaritzak, abeltzaintza intentsiboak eta industrien hondakinek deforestazioa eta higadura dakartzate.
Lurzorua babesten duen marko juridikoa aldarrikatzen duzue. Zeintzuk lirateke ezaugarriak?
Lege zehatzak baino, lurzorua ustiatzeko eredu aldaketa eskatzen dugu; lurren biologia babesteko legeak existitzen dira, baina ez dira errespetatzen. Enpresek maiz arduragabekeriaz jokatzen dute, lurra suntsituz. Aurrekontuetan ingurumena errespetatzeko neurriak zehaztu ahalko lituzkete, baina sinpleagoa da isuna ordaintzea. Kaltea ordea, ez da ekonomikoa, biologikoa baizik, lurzorua ez baita birsortzen. Ordaindu behar dute, bai, baina batez ere suntsitutakoa konpondu behar dute.
"Lurzorua, ongi kudeatuta, klima aldaketaren kontrako gakoetako bat izan daiteke"
Lurzoruak bere kabuz lehenera etortzeko aukerarik badu?
Hainbat kasutan kaltea betiko da. Hala ere, naturak bere onera etortzeko gaitasuna du, baita zoruak ere. Baina eraberritze horrek urte asko behar ditu eta horixe da arazoa. Gizakion eragina hain handia eta iraunkorra denez, naturak ez du denborarik bere onera etortzeko. Lurrak bi hektarea edo bi tonako materia galera jasangarria izan dezake urtero, hau da, naturalki eraberritzeko gai izango litzateke. Abiadura geologiko hura igaro ostean, zorua bizkorrago higatzen da eraberritu baino.
Zeintzuk dira lurzoruaren aurkako mehatxurik handienak gaur egun?
Esan bezala, honela jarraituz gero lurzoruen aberastasun biologikoa galdu egingo da. Antzu bihurtuko da eta orduan bai esan ahalko dugu zorua hilda dagoela. Lurraren ugalkortasuna eten egiten badugu, produkzio kopuruaz gain, elikagaien kalitateari kalte egiten dio. Janariak geroz eta elikagai gutxiago du, ongarri kimikoak eta ura jaten dugula esan dezakegu. Elikadura osasuna da, hortaz horixe da jokoan duguna.
Lursailen ekosistema aldaketa bortitzak ere arazo bihurtu dira. Abeltzaintzarako erabiltzen den soroa baratze bihurtzeak lurzoruko mikroorganismoak ahuldu ditzake. Lurra erabiltzeko modua aldatzea beti da kaltegarria, bat-batean egiten bada. Zoru ekosistema bakoitzak ezaugarri jakin batzuk lortzen ditu urte askoren buruan. Egokitzeko denborarik eman ezean geroz eta antzuagoa izango da.
Zein eragin izaten ari da klima aldaketa?
Hainbat modutan eragiten dio, baina kezkagarriena euriteen aldaketa da. Jakina da euriteen maiztasuna urritzen ari dela leku askotan; euria egiten duenean ordea, gogotik botatzen du tarte txikian. Mikroorganismo gehienak azalean bizi dira, eta gizakien esku hartzeak agerian uzten ditu gainera. Zaparradek beraz, zoruko bioaniztasuna eramaten dute.
Europan urtero 1.000 kilometro koadro lurzoru bihurtzen da asfalto, 500 futbol zelai inguru egunean. (Arg.: Cody Martin)
Nola eragiten dio lurzoruari gehiegizko urbanismoak?
Landa lurretan eraikitzeko hiru irizpide jarraitu behar dira. Hasteko, noski, lursaila eraiki gabe egotea. Landa eremua garatzea izan behar du helburu eta kokalekua ezinbestekoa dela frogatu behar da. Horiek dira baldintzak, baina nola neurtzen da zer den landa garapena? Interpretazio ezberdinak egon daitezke. Ingurumenerako eskualde batzordeetan geroz eta ordezkari ekologista gutxiago daude, ikuspegi hirigilea gailentzen ari da.
Kutsadurak ere ez du lagunduko.
Kutsadurarekin antzekoa gertatzen da, legeak badira baina ez dira errespetatzen eta lurzorua ez da behar bezala zaintzen. Jende gutxik daki lurzorua, ongi kudeatuta, klima aldaketaren kontrako gakoetako bat izan daitekeela. Klima aldaketaren konponbideetako bat zapaltzen dugun lurzoruan dago. Gaur egun, lurzoru higatuek CO2 isurtzen dute; ekosistemak zainduz gero, isuri ordez CO2a bilduko luke zoruak, zuhaitzek egiten duten bezala. Nekazaritza goldaketak lurzoruaren higaduran zerikusia duelakoan, alternatibak proposatu dira. Hala ere, tentuz ibili behar da, alternatiba horiek herbizidak dira-eta, ez litzateke harritzekoa kanpaina horien atzetik industria petrokimikoaren interesak egotea.
Landa lurrei buruz ari zara, zein da egoera hiriguneetan?
Antzekoa da, berez badira plan ugari lurzoruak zaintzeko, baina praktikan oso gutxi aurreratzen da. Hiri askok dute konposta helmugatzat, lurrak biziberritzeko asmoz. Erakundeek, ordea, ez dute ingurumen hezkuntzarik bultzatzen, ezta sustapen neurririk hartzen. Hirietan batez ere plastiko eta beiren birziklapena sustatzen dira. Ongi dago, baina horien atzean ere etekin ekonomikoak daude, Ecoembes enpresarenak adibidez.
"Europako lurrak erabat higatu direnean hegoaldeko herrialdeetako lurrak inbaditzen hasiko dira enpresa transnazionalak. Prozesua jada abian da"
Duela gutxi Mokoan (Kolonbia) 328 lagun hil ziren, eta 69 desagertu, luizi baten ondorioz. Aditu askok urbanismo eta basoen soiltzeari egotzi diete neurri batean.
Ez ditut Mokoako ezaugarriak ezagutzen, baina ez dago zertan hain urrun joan. Euskal Herriko mendi askotako magalek geroz eta pisu handiagoa jasaten dute, makinaria astunarekin eraikitzen dela eta. Magalak erabat pitzatuta daude, horren ondorioz luiziak gertatzen dira.
Gauzak aldatu ezean, zer egoeratan izango dira lurzoruak urte batzuk barru?
Europaren eta mendebaldearen kasuan, oro har, lurrak erabat higatu direnean hegoaldeko herrialdeetako lurrak inbaditzen hasiko dira enpresa transnazionalak, besterik gabe. Prozesua jada abian da. Espainiaren kasua eredugarria da, Europako baratzea da, bai, baina urte batzuk barru Marokora mugitzen hasiko dira. Nekazariak geroz eta gutxiago diren heinean, transnazionalek geroz eta lur zabalagoak okupatzen dituzte, eta lurraren higadura azkartzen dute. Nekazaritza enpresen esku badago, ezinezkoa da elikadura burujabetza eraikitzea. Elikatzea luxu bihurtuko da eta ez eskubidea, gainera produktu kimikoetan oinarritutako elikadura izango da. Lurzorua babesten ez badugu egoera kaotikoa dator. | news |
argia-9cc7664c9f39 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/domingotarrei-esaten-zieten-jakobino.html | Domingotarrei esaten zieten jakobino | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-06-04 00:00:00 | Domingotarrei esaten zieten jakobino
XIII. mendean domingotarrek komentu bat fundatu zuten Parisko Saint Jacques elizaren alboan, izen bereko kalean. Ordena erlijiosoak hirian zuen lehen egoitza zen eta, hala, pixkanaka, fraile domingotarrei jakobino esaten hasi ziren.
1789ko urrian, Frantziako Iraultzaren ordezkari muturrekoenak domingotarren beste komentu bat, Saint Honoré kalekoa (irudian), hasi ziren erabiltzen bilgune gisa. Egoitza 1794ko uztailean itxiarazi zuten; beraz, bost urtez ere ez zuen iraun. Baina tarte hura nahikoa izan zen talde politikoari jakobino ezizena jartzeko eta haiek, azkenean, izena ofizialki hartzeko. Egun, jakobinismoa jarrera politiko erradikalaren sinonimoa da. | news |
argia-97508dc4f4f2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/zergatik-molestatzen-du-errekaleorrek.html | Zergatik molestatzen du Errekaleorrek? | Itziar Bardaji Goikoetxea | 2017-06-04 00:00:00 | Zergatik molestatzen du Errekaleorrek?
Jipoi polizial bat medio, segurtasunaren izenean, 150 bizilagun argindarrik gabe uzteak suposatzen duen karikatura, argudioaren faltsutasunak besterik ezin du azaldu. Baratzeak egiteko, hamarna eraikin erabilgarri bota nahi eta horri ekologiko etiketa atxikitzea ber irrigarria da. Ez du merezi horretan sakontzeak, hain da agerikoa. Errekaleorreko argi mozketaz mintzatzean hor geratzen denak ez dio benetako eztabaidari heldu nahi, arrazoiak arrazoi.
Bat: 230.000 etxebizitza huts dituen Hego Euskal Herrian eraikuntzak ez dio eraikin beharrari erantzuten. Sobera dakigu merkatuari, gure jainko ahalguztidunari egiten dizkiogun ofrendak direla, BPGren erorketarekin zigortu ez gaitzan. Bi: jendarte kapitalistan jabetza pribatuak sakratua izan behar du, guztiz blindatua, aberastasunaren akumulazio desorekatua mantentzea helburu. Hiru: bere esfortzu eta lan duina- ren bidez eskuratu duelako etxea merezi duen hiritar eredugarri zintzoaren irudiaren atzean beste hau dago: bankuen eta enpresa ekoizle erraldoien etekinerako eta politikariek lapurtuko dituzten zergak ordaintzeko lanean eta kontsumoan diharduen jendarte desjabetua, modu ezberdinetan esplotatua eta alienatua. Masa horrek egunez egun klase esplotatzailea elikatu eta sistema birproduzitzen du.
Eta lau, eta bost... | news |
argia-90318929bc5e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/lorez-lore.html | Lorez lore | Jakoba Errekondo | 2017-06-04 00:00:00 | Lorez lore
Izan ere, lorez lore gabiltza; egunero lore berri bat ikus daiteke sasoi honetan. Tartean, baita jan daitezkeenak ere. Ez gara euskaldunak lorezale amorratuak; kunplimenduak eta ele ederrak bai, baina lore-loreak tamainan!
Orburua ( Cynara scolymus ) eta kuiatxoa ( Cucurbita pepo var. pepo ) bai, loretan jaten ditugu, baina gure ahosabaiaren onerako: dasta berri mordoa dugu inguruan, dastatu zain. Jan ditzagun loreak: usaina, ukia, zaporea... Hona saskikada esku-eskura: begonia ( Begonia x tuberhybrida ), baltsamo-belarra edo ilena ( Calendula officinalis ), azuzenak ( Hemerocallis spp. ), Txinako arrosa ( Hibiscus rosa-sinensis ), kaputxina ( Tropaeolum majus ), ekilorea ( Helianthus annuus ), albahaka ( Ocinum basilicum ), martorria ( Coriandrum sativum ), mihilua ( Foeniculum vulgare ), oreganoa ( Origanum vulgare ), mendaroa ( Origanum majorana ), aza jendea ( Brassica spp. ), errefaua ( Raphanus sativus ), bioleta usainduna ( Viola odorata ), bioleta handia ( Viola x wittrockiana ), babarruna eta leka ( Phaseolus vulgaris ), ezkaia ( Thymus vulgaris ), belatxeta edo izpiliku fina ( Lavandula angustifolia ), astaizpilikua ( Lavandula latifolia ), izpiliku mina ( Lavandula stoechas ), errukulak ( Eruca vesicaria sativa eta Diplotaxis tenuifolia ), dama errukula ( Hesperis matronalis ), txikori-belarra edo sorgin-belarra ( Taraxacum officinale ), basabitxilorea ( Bellis perennis ), kuiatxoa eta kuia ( Cucurbita spp. ), hirusta gorria eta zuria ( Trifolium pratense eta T. repens ), atxaparra ( Lonicera spp. ), erromeroa ( Rosmarinus officinalis ), azitraia ( Satureja hortensis ), perraitza edo apo-perrexila ( Anthriscus cerefolium ), ezkia ( Tilia spp. ), etxeko poza edo baltsamina arrunta ( Impatiens walleriana ), porru-tipula ( Allium schoenoprasum ), ezamihilua edo aneta ( Anethum graveolens ), zauri-belarra edo salbia ( Salvia officinalis ), krabelina ( Dianthus caryophyllus ), urkitza edo jasmina ( Jasminum officinale ), luisa-belarra ( Aloysia citriodora ), malba gorria ( Alcea rosea ), urrelilia ( Chrysanthemum coronarium ), nabar-lorea ( Centaurea cyanus ), basa-julufraia ( Lychnis flos-cuculi ), petenta edo fuxia ( Fuchsia spp. ), uztaoa edo lapaitza ( Rumex acetosa ), papantsea ( Viola tricolor ), amañililia ( Syringa vulgaris ), tagetea ( Tagetes spp. ), oinlodia edo peonia ( Paeonia spp. ), zuhain azenarioa ( Daucus carota ), arrosak ( Rosa spp. ), ilarra ( Pisum sativum ), artoa ( Zea mays ), mendak ( Mentha spp. ), idi-bihotza ( Tulipa spp. ), ziabelar usainduna ( Galium odoratum ), zamo txikia edo basa azafraia ( Carthamus tinctorius ), borraja ( Borrago officinalis ), dragoi-muturra ( Antirrhinum majus ), aingeru-belarra ( Angelica archangelica ), geranioak ( Pelargonium spp. ), bananondoa ( Musa x paradisiaca ) eta sagarrondoa ( Malus x domestica ). Eta, ahaztu gabe, intsusa ( Sambucus nigra ). | news |
argia-96ef2daf8e91 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/film-baterako-moduko-greba.html | Film baterako moduko greba | Juan Mari Arregi | 2017-06-04 00:00:00 | Film baterako moduko greba
Ez. Zutabe honetan ez dugu normalean kulturaz idazten, politika ekonomiko sozial eta laboralak izaten ditugu hizketagai. Gaurkoak ordea, film kritika baten antza izan dezake: zinematografiaren artea erabili baitaiteke klase borrokaren zerbitzura eta euskal langile mugimenduaren historia gogoratzeko.
Etxebarriko "Bandas"-eko grebari buruz ari naiz, duela 50 urte gertatua, eta orain zinemagile gazte batzuek dokumentalera ekarria. Doxa produzkio-etxearen eskutik, Larraitz Zuazo zuzendariak gidatu du 163 egun filma eta joan den astean estreinatu zuten ETB2-n.
Esanguratsua eta nabarmentzeko modukoa da 1967an oraindik jaio ere egin ez ziren gazteek izan duten ausardia eta pazientzia. 163 egun iraun zuen greba luze hartako protagonistak bilatu eta borroka hura kontatu dute, profesionaltasunez eta zintzoki, izan irudi historikoak erabiliz nahiz eszenak berreginez. Kausa solidarioen zerbitzura jarri dute zazpigarren artea, oroimen historikoa eremu sozialera eta politikora eramanez, langileen mundura. Ederra litzateke langile greba honen antzeko beste historia batzuk ere eramango balira pantaila handira, Euskal Herrian halako asko geratzen baita oraindik modu honetan kontatzeke: zuzenean eta interferentziarik gabe.
Baina zinemagileek ezin dute hortik bizi, ekonomikoki ez omen da errentagarria. Euskal erakundeek halako lanak sustatu eta babestu beharko lituzkete, memoria historikoa berreskuratzeaz ari baikara, kasu honetan klase borrokaren atzean dagoena. Egungo belaunaldien ongizatea, orain krisiak murrizturik badago ere, atzoko greba eta barrikadetatik hasi ziren eraikitzen. | news |
argia-bf3b1826613c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/gerra-galduak-eta-beste.html | Gerra galduak eta beste | I�aki Murua | 2017-06-04 00:00:00 | Gerra galduak eta beste
Hizkuntzan ere badira gerra galduak edo galdutzat eman ditzakegunak, eta ez gutxi! Kontua ez da galdutzat ematea, hitz horrek adiera berria duela jabetu eta onartzea ere aukera bat da.
"Erronka" hitza da horietako bat. Jatorriz, orain gutxi arte, ahoberoak edo ahozabalak zuen hitz egiteko moduari zeritzon. Handikeriaz, harrokeriaz… Zen edo zezakeen baino gehiagoren itxurak eginez ari zenari buruz, "erronka bota du " edo "erronkatik gehiago du horrek egiatik baino", esan ohi genuen. Dagoeneko, politikoak, kirolariak, enpresariak, hezitzaileak… Denak ari zaizkigu beren "erronkak" zehatz adierazten. Zenbat eta xehetasun gehiago eman, orduan eta nabarmenago "erronka!".
Beste gauza bat da, bat-batean ari zarela eta hanka sartzea, esatari lanetan ari direnen kasua lekuko. Irristadak egiteko aukerak eta egunak denak dira, aldarteak zeresan handia dauka eta. Hala ere, errepikatzen diren akatsak zuzendu behar dira, gaizki esandakoa errepikatzeak, zuzen dagoela sinestarazten baitio entzule "ezjakinari". Adibidez: egundoko euri jasak bota ditu eta lubiziak eragin; ondorioz, "etxe bat behera etorri da…". Eta ni bezalakoak, eguna joan eta eguna etorri, etxe hori berriro gora joan dela noiz entzungo, baina ez, ez da gora joaten. Ez delako behera etorri, erori egin baita edo lubiziak aurrean hartuta eraman baitu! Elur jauzi batek mendizaleak bezala; aurrean hartuta eraman, baina "ez aurretik eraman!".
Behin ba omen zeuden bi gizonezko, aldaparen hasieran, txirrindulari tropelari begira eta han pasa omen zen bietako baten semea, azkena.
Besteak bota omen zion lagunari: "Iño! Zuen semeak ere ez dik egun ederra, hor zihoak denak aurretik dituela…". Eta azkena zihoanaren aitak erantzun: "Denak aurretik dituela ez, denak aurrean hartuta. Horrek sasoia!".
Gai berari tiraka, trenbideak autoz zeharkatzen diren guneak badakigu arriskutsuak direla, baina, askotan, irratiak dioena entzunda, badirudi trenbidean autoak trenaren aurretik doazela ziztu bizian: "Trenak auto bat aurretik eraman du". A zer suertea, beti aurretik eraman badu ez zion trenak ukiturik ere egingo!
Eta trenaren hurrengo geltokia elikadura. Lehengo batean, Dieta Mediterraneoa aztertu duten aditu batzuek, elikagaiak ez ezik jakiak maneiatzeko erabiltzen den olioa eta ura ere aztertu zutela zioen esatariak, eta egunean lau edalontzi edan behar omen genituzkeela. Pentsa beirazkoak badira. Lau! Eta metalezkoak balira, ez dut pentsatu ere egin nahi! Guk, baserrian hazi ginenok, behi esnea edaten genuen, deskuiduan esne behia edan izan bagenu…
Eta etenik gabeko sokan: barrura sartu, gora igo, kanpora irten… Besterik egin al daiteke? | news |
argia-d2c08eba93e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/bidane-petralanda.html | "Mediku zirkuituen bidez lor daiteke lehenetsitako hizkuntzan arreta jasotzea" | Ainhoa Bretos | 2017-06-04 00:00:00 | "Mediku zirkuituen bidez lor daiteke lehenetsitako hizkuntzan arreta jasotzea"
Bidane Petralanda Mendiola EHUko Medikuntzako ikasleak gradu amaierako lana martxoan bukatu zuen: Osasun profesionalaren eta pazientearen arteko hizkuntza-mugei aurre egiteko euskarazko asistentzia zirkuituen esperientzia. Osasungintza eta euskara lotzen dituen lehenengo lana da. Ikerketa Dublinen aurkeztu berri du, osasun arreta integratuaren inguruko konferentzian.
Zer dira hizkuntza-mugak?
Hizkuntza bera hitz egiten ez duten bi pertsonen arteko komunikazio arazoak dira, edo hizkuntza bera hitz egin arren maila desberdinetan kontrolatzen duten bi pertsonen arteko komunikazio arazoak.
Zer nolako eragina dute pazienteengan?
Lehenik eta behin, legalki eragina dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Bertako biztanle garenok eskubidea daukagu euskarazko tratua jasotzeko, eta ez da bermatzen. Paziente erdaldun baten eskubideak euskaldun batenak baino gehiago errespetatzen dira.
Horrez gain, arazo klinikoak eragin ditzakete. Elkarri ondo ulertu barik ezin dira praktika kliniko seguruak egin.
Ama hizkuntzan ez mintzatzeak deserosotasuna eragin dezake, bestelako hizkuntzak behar bezala ulertu arren. Eroso sentitzen ez den pazienteak ez du konfiantzaz kontatuko gertatzen zaiona, eta gauza batzuk azaldu barik utziko ditu. Elkarrizketa egokia izateko arazoak badaude, diagnostikoa desegokia izan daiteke.
Azken batean, hizkuntza-mugek pazientearentzat arriskutsuak diren gertaerak eragin ditzakete, bere gogobetetzea nabarmen jaisten dute, eta oztopo dira kalitatezko osasun arreta eskaintzeko orduan.
Zertan datza kalitatezko osasun arreta?
Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko pazientearen ongizate fisiko, biologiko eta soziala bermatu behar da. Pazienteak izan behar du oinarria, ez medikuak. Oso garrantzitsua da pazientearen ezaugarriak kontuan hartzea: adina, sexua, lanbidea, eta abar. Berak lehenetsitako hizkuntza kontuan hartzen ez bada, ez da kontuan hartzen bere ezaugarrietako bat. Harreman estua dago kalitatezko osasun arretaren eta hizkuntzaren artean.
Orduan, kalitatea bermatzeko ezinbestekoa da hizkuntza-mugei aurre egitea. Zeintzuk dira horretarako oztopoak?
Batez ere kostu ekonomikoa. Ikastaroak, interpreteak, eta abar ordaintzeko dirua behar da. Hala ere, ez dago hizkuntza-mugekin lotutako gastu ekonomikoaren ikerketa nahikorik. Itzultzaileen prestakuntza ere aipatzen du Galesko unibertsitatean egindako ikerketa batek oztopo modura, eta osasun langileen denbora falta.
Osakidetzak II. Euskara Planean proposatzen dituen euskarazko asistentzia-zirkuituak aztertu dituzu. Zer dira zirkuitu horiek?
Paziente batek, gai jakin bategatik, tratamendua amaitu arte kontsultatu behar dituen familiako mediku eta espezialista denek osatzen dute zirkuitua. Gaur egun egiten dena zera da, familiako medikuak ikusten duenean pazienteak espezialista batengana jo behar duela hitzordua ematen dio, espezialistak ahal duen egunean. Euskarazko asistentzia-zirkuituan identifikatu egiten dira euskarazko tratua nahi duten pazienteak eta euskarazko tratua emateko gai diren osasun profesionalak. Horren ostean, euskarazko agenda irekitzen da. Familiako medikuak pazientea espezialistarengana bidali behar duenean, euskarazko kontsulta dagoen egunean jarriko dio hitzordua. Antolakuntza kontua da.
Argazkia: Ainhoa Ortega Bretos.
II. Euskara Plana onartu eta lau urtera, nola dabil zirkuitu sistema?
Ofizialki ez dago asistentzia-zirkuitu sistema bat bera ere. Paziente eta osasun profesional askok ez dute sistema ezagutzen. Aldiz, estraofizialki ari diren bi zirkuitu ezagutu ditut, Osakidetzaren inongo jarraipenik ez dutenak, eta esango nuke ez dagoela besterik. Nik aztertu ditudanak Arrasateko ESIko Urologia zerbitzukoa eta Gasteizko ESIko Haur Urologia zerbitzukoa dira, eta arduraduna mediku bera da bietan, Egoitz Tolosa. Familiako medikuak pisu handia dauka sistemaren funtzionamenduan, kontsulta-orrian adierazita utzi behar baitu pazienteak euskarazko tratua jaso nahi duela. Horrela egiten badu, adibide honetan Tolosarengana bideratuko luke pazientea, eta ez gainerako urologoengana.
Hala ere, ez dira zirkuitu osoak, Urologia zerbitzuan baino ez delako egiten.
Asistentzia-zirkuiturik ez duten zerbitzu bi ere aztertu dituzu, eta zirkuitu sistema erabiltzen dutenekin alderatu. Zein desberdintasun daude bien artean?
Zirkuituari esker jakin daiteke zenbat jendek nahi duen euskarazko tratua eta zenbatek ez, eta zenbat kontsulta egiten diren benetan euskaraz. Gogobetetzeari dagokionez ere, gauza bera. Zirkuitudun zerbitzuetan badakigu zenbat jende dagoen pozik sistemarekin, zerbitzu hori ez dagoen lekuetan ez.
Garrantzitsua da baita ere jakitea zenbat mediku euskaldun behar diren, eta sistema horren bidez lortu daiteke datu hori. Arrasaten, adibidez, ikusi da eskaera eskaintza baino handiagoa dela. Horrek neurriak hartzen lagundu dezake.
Horrez gain, niretzat esanguratsuena izan da ohartzea euskaraz hitz egiteko gai diren mediku gehiago daudela aztertu ditudan zirkuiturik gabeko zerbitzuetan zirkuitudunetan baino. Horrek esan nahi du, mediku euskalduna egoteak ez duela bermatzen mediku-paziente harremana euskaraz izango denik. Zirkuituetan, ostera, bermatuta dago euskarazko asistentzia.
Euskarazko arreta bermatuta dago bi zirkuitu horietan, baina erakundeen jarraipenik ez dutela esan duzu.
Momentuz behintzat ez, eta ondorioz informazio gabezia dugu. Ezin dugu ziur jakin lehen mailako arretako paziente guztiei euskarazko arreta jaso dezaketela azaldu zaienik eskaintza aktibo bidez.
Osakidetzak zirkuituak martxan jartzeko eta jarraipena egiteko borondate handiagoa erakutsiko balu, posible litzateke osasun profesionalen eta pazienteen arteko hizkuntza-mugei aurre egitea?
Nire ustez, bai. Hizkuntza-muga guzti-guztiei agian ez. Baina orokorrean, mediku kontsultetan, nik uste dut posible izango litzatekeela denok lehenetsitako hizkuntzan (EAEn ofizialak diren bietan, behintzat) arreta jasotzea.
Borondate handia behar da, baina ez dut uste medikuen lana hau izan behar denik, goitik irten beharko litzateke, beste gauza batzuk ateratzen diren moduan. Hala ere, administrazioan ez diote garrantzi handirik ematen, ez da euren lehentasuna. | news |
argia-fd082919a4bd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/eulalia-reguant-cupeko-diputatua.html | "Erreferendumik ez badago legealdi honek ez du zentzurik" | Saioa Baleztena | 2017-06-04 00:00:00 | "Erreferendumik ez badago legealdi honek ez du zentzurik"
2015eko irailaren 27ko hauteskundeetatik CUPeko diputatua da Eulàlia Reguant (Bartzelona, 1979) matematikari, aktibista eta finantza etikoetan aditua. Alderdi politikoekin lotura organikorik ez duten mugimenduen defendatzailea izanik, Kataluniako gobernura sartu aurretik, politikan baino, gizarte mugimenduan nabarmendu da bere ibilbidea. Kataluniako Parlamentuan elkartu gara.
2015ean politikan murgildu zinen baina Matematikan lizentziaduna zara. Noiz politizatu zinen?
Bitxia dirudien arren, unibertsitate garaian. Tira, politikarekiko interesa betidanik izan dudala esango nuke, baina unibertsitate garaiko ikasle mugimenduan parte hartu izana garrantzitsua izan zen. Orduan hartu nituen kontzientzia eta inplikazio handiagoak.
Dirudiena baino gertuago al daude matematikak politikatik?
Nire aurreko belaunaldian izan dira matematika ikasketak izanik politikan aritu direnak. Edozein modutan, nire fakultatean behintzat, ikasle mugimendua bereziki sendoa zen. Betiko logiketatik ateratzea aberasgarria ikusten dut, politika berez baita zeharkakoa, eta mundu honetan aritzeko ez duzu zertan izan zientzia politikoetan, zuzenbidean edo filologian aditua.
Ikasle mugimenduetan bai, baina, ezker independentistan ez duzu sekula militatu. Zergatik?
Gizarte mugimenduetatik natorrelako. Betidanik ulertu izan dut batasun ideologikotik haratago, ezinbestekoak direla alderdi politikoekin lotura organikorik ez duten mugimenduak. Garrantzitsua da bereizketa hori egitea. Ni erosoago sentitzen nintzen gizarte mugimenduetan.
Zeintzuk dira zure erreferente politikoak?
Nire ibilbidean erreferente askok izan dute eragina. Horietako bat izan da Arcadi Oliveres, Kataluniaren eraldaketarako egin zuen apustu politikoagatik eta konpromisoa ulertzeko duen moduagatik. Asko ikasi dut berarekin. Beste erreferenteetako bat izan da Chico Whitaker brasildarra, Munduko Gizarte Foroaren sortzailea, besteak beste. Eta azkenik, Érik Toussaint aipatuko nuke, herrialde txiroen zorraren inguruko pentsalaria, haren ikusmoldea gakoa izan da niretzat. Kataluniatik abiatuta mundu zabalerantz, hiru horiek izan dira azpimarragarrienak, seguruenik.
Oinarrizko kristau mugimenduetatik zatoz.
Parrokiatik edaten duen familian koxkortu nintzen eta, beraz, kristautasunarekin dudan lotura, familiatik dator. Horregatik, seguruenik, unibertsitate garaian oinarrizko kristau mugimenduetan eta gogoeta zein pentsamendu kritikoen mugimenduetan murgildu nintzen. Ez hainbeste katolikoak, baina bai kristauak. Bizipen horiek gaur egun, politikan konpromisoa hartzeko moduan eragiten didatela esango nuke. Eta esperientzia hark, nolabait bultzatu zidan naizenarekin, bizitokiarekin eta sentitzen dudanarekin sustraituta egotera.
Badago uste duenik ezkertiarra eta kristaua izatea kontraerrana dela. Zuri aldiz, amorrua ematen omen dizu eskuindarrak katolikoak direla esateak. Zergatik?
Erabateko kontraesana delako. Eliza katolikoa, mendeetan barna, eraiki den bezala eraiki da, baina Elizaren ikusmoldearen sorrera erabat kontrakoa da ideologia eskuindarrarekiko. Une historiko batean boterea eta Eliza Katolikoa gauza bera bilakatu ziren. Baina, era berean, nik kristautasunaz edan dudana da, erlijioa bizitzeko eta konpromisoa ulertzeko modu bat, eskuindarra izan eta pribilegioak babesteaz oso bestelakoa.
Argazkia: Jordi Borras
Hala ere, kristau izateari aitortzen zaio sarri Elizaren logikan parte hartzeko beharra. Nola kudeatzen duzu zuk dikotomia hau?
Boteredunek azaldu dute, beti, euren historiaren kontakizuna. Eliza Katolikoak –erakundeak– botere ukaezina du eta bere kontakizuna zabaldu du, han eta hemen, mendeetan barna. Baina era berean, oinarrizko kristautasunetik datozen ezin konta ahala lagun isilduak izan dira Elizatik urruti egoteagatik. Azken finean, homogeneotasuna saltzeko joera dago eta arauetatik ateratzen garenak baztertuak izaten gara. Besterik gabe, Eliza Katolikoaren erakundetik urruntzen garen kristauok ez dugu paparra ateratzen. Ez dugu horren beharrik.
Itzul gaitezen zure ibilbidera. 2015ean Bartzelonako Udaleko hauteskundeetan laugarrena zinen CUPen zerrendan. Hiru sartu eta zu kanpoan geratu zinen, eta hilabete gutxira Parlamentuan sartu zinen. Nola joan dira bi urte hauek?
Alde batetik, denbora oso azkar pasa da, baina bestetik, oso motel. Egia esan, ez dut gehiegi pentsatu, baina seguruenik egoera oso desberdina izango zen Bartzelonako Udaleko zinegotzia izango banintz. Parlamentuaren ikusgarritasuna handiagoa da.
Fiare banku etikoan aktibista izatetik Parlamentuko aurrekontuak negoziatzera pasa zinen. Erakunde publikoetan ba al dago etikarik?
Inolaz ere ez. Ez behintzat nik etika ulertzen dudan moduan. Kasu, hein batean bagenekien instituzioak hainbat elitek altxa dituztela helburu bakarrarekin: pribilegioak mantentzea. Eta gero, erakunde publikoak mantendu dituztenak izan dira logika horretan murgildu direnak. Baina sistema antzerki hutsa den munstroa da. Horregatik, etikak hemen ez du tokirik. Dena neurtzen da hurrengo hauteskundeei begira.
CUPek orain, instituzioen parte izanik, sistemaren muina aldatzeko gaitasunik ba al du?
Instituzioak aldatu daitezke kaleko jendea bizirik dagoen bitartean. Eta zoritxarrez, gaurko arazo nagusia da kaleko jendeak erakundeen esku utzi duela ardura guztia. CUP bezalako indar politiko bakar batek ezingo du etxea eraldatu. Azken finean, instituzioak dira status quo batek sortutako status quoa.
Kostata, baina, onartu zenituzten aurrekontuak. Erabakiarekin pozik zaudete?
Guk aurrekontuak onartu genituen xantaia zentzugabe baten ondoren. Arrazoi taktikoengatik erabaki genuen aurrera jarraitu eta gizartearen aldarrikapenaren alde arraun egitea. Gerora izan dugun sentsazioa da, bazegoela jendea interesa zuena guk aurrekontuak ez onartzeko, hala balitz, erreferenduma ez luketelako antolatu beharko. Beste era batera esanda, mesede bat egingo genien. Are gehiago, onartu ez genituen arte, ezer gutxi egin zen erreferendumaren alde. Orain luzapeneko denboran gaude, gero eta denbora gutxiago geratzen da eta urratsek oso motelak izaten jarraitzen dute. Beraz, arduratuta gaude egoerarekin.
Erreferendumaren jarraipen batzorde bat sortzea proposatzen duzue, eta ERCek ideia begi onez ikusten du. Nolakoa litzateke?
Antzeko proposamen bat ere egin zuen aspaldi ANC Biltzar Nazional Katalanak, oker ez banago. Jarraipen batzordea funtsezkoa da, erreferendumaren alde dagoen orok parte hartu ahal izango duelako. Baita Comú-ko lagunek ere. Batzuetan badirudi Kataluniako Gobernua Espainiakoa baino maltzurragoa izaten saiatzen dela, eta joera dago gordeka ibiltzeko, "badaezpada". Baina Estatuak indar osoa du eta engainatzea zaila izango da. Beraz, egin behar duguna da, jarraipen batzorde hau antolatu, etorriko denaren mailan egoteko. Maiatzean gaude eta bada garaia jendea mobilizatuta egoteko. Baina, zoritxarrez, agertoki horretatik urruti gaude, oraindik ez baitakigu erreferenduma noiz izango den.
Gizarte mugimendua itzalita dagoela erraten da. Ados zaude?
Begi bistakoa da gizarte mugimenduak irailaren 27ko hauteskundeen ondotik Parlamentuaren esku utzi zuela borroka. Eta gertakari hori oso arriskutsua da, honaino iritsi garelako gizarte zibilari eta kaleko mugimenduari esker. Mobilizazioak ezinbestekoak dira gobernuari bultzada emateko, baina, batez ere, erreferenduma babesteko. Bestela, gobernuen arteko talka dirudi honek. Eta hilabete hauetan guztietan Espainiako Gobernuak beldurraren taktika erabiliko du, mehatxuak eta inputazioak. Hori saihesteko modu bakarra da Kataluniako Gobernuak hitzartutako urratsak betetzea eta, noski, kaleko jendearen aldarrikapenek etenik ez izatea. Ohiz kanpoko testuinguru politikoaren mailako klima mantendu behar dugu.
Duela hainbat aste adierazi zenuten erreferendumik ez badago CUPek Parlamentua utziko zuela…
Tira, aurrekontuak onartu ahal izateko gure lehentasunei uko egin genien. Bi boto eman genituen iraila bitarteko epea finkatuz. Eta noski, hori betetzen ez bada, CUPek legealdia bukatutzat emango du. Erreferendumik ez badago legealdi honek ez du zentzurik. Hori bai, guk ez dugu B planik aurreikusten. Gu lanean ari gara irailaren amaiera baino lehenago Kataluniako gizarteak erreferendumean bozkatzeko. | news |
argia-db2a0e46768f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/literaturaren-eta-bizitzaren-etika.html | Literaturaren eta bizitzaren etika | Amaia Alvarez Uria | 2017-06-04 00:00:00 | Literaturaren eta bizitzaren etika
Iazko urrian Iruñeko komisaria batean hil zen Elhadji Ndiaye gazte senegaldarra. Atxiloketa bortitz baten ondoren gertatu zen heriotza eta geroko manifestazio jendetsuan Black Lives Matter, Bizitza da handiena, eta Polizia ugari, justizia gutxiegi leloak ozen entzun ziren. Ekitaldi horretako argazki batekin hasten da Angela Davisen liburu hau euskaraz.
Has zitekeen ere larriki gaixo dagoen Oier Gomez presoa kartzelatik ateratzeko egon den mobilizazio sozialarekin. Edo azken LGTBIfobiaren kontrako manifestazioaren Donostiako kartelari begira: "Ez hemen ez inon. Txetxeniarekin elkartasuna". Edo maiatzaren 19an Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan Ertzaintza eta Iberdrola sartu zirenean auzokoek egindako erresistentzia eta sare sozialetan eta kalean jasotako elkartasunari erreparatuta.
Askatasuna lortzeko "etengabeko borrokan" engaiatu behar dugula azpimarratzen du egileak liburuko hamar ataletan bildutako elkarrizketa eta hitzaldietan. Jendartea eraldatzeko "estatuaren indarkeria estrukturala denez" aldaketa sistemikoak behar dira, eta horretarako masa mugimendua: jendea kontzientziatu, antolatu eta mobilizatzea.
Justizia soziala erdiesteko intersekzionalitatea dugu: borroken arteko loturak eginez, jendearen premiei begira, ez etekin kapitalistei. Izan ere, elkartasunak "mutualitatea" dakarrela dio, beraz, arrazakeriaz, matxismoaz edo klasismoaz ezin daiteke bereizirik hitz egin.
Era berean, ekintzari lehentasuna ematen dion arren, ideien eta hitzen inguruko hausnarketa egin behar dela dio, horregatik ikertzaile-aktibistei buruz hitz egingo digu, praktikarekin batera diskurtsoa osatu behar delako.
Hortaz, feminismoak erakutsitako "pertsonala politikoa da" eta Martin Luther Kingek esandako "bati eragiten dionak guztioi eragiten digu zeharka" gogoan hartuta, borrokak bateratzeko deia egiten du "elkartasun transnazional" baten bidez.
Fergunsoneko hilketa, kartzela industria konplexua eta Palestinaren zapalkuntza topatuko ditugu orriotan beste batzuen artean, iazko otsailean gurean "Kartzela eta Emakumea" jardunaldietara etorri zenaren eta iazko Durangoko Azokako nobedadeetan liburu gehien izan zituen egilearen eskutik (bere biografia, bere libururik ezagunena, jardunaldietako "akten liburua", eta hemen aurkezten ari garena).
Sar zaitez Angela Davisen unibertsoan zu ere eta, Hedoi Etxartek dioen moduan, amestu, landu, eztabaidatu eta saretu, edo ekin eta pentsatu, hots, bietan jarrai. Literaturak ere baduelako epika, ez-fikzioa, saiakera. Estetikaren ondoko etika. | news |
argia-1df13fb208b9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/jende-apasionatua-gauza-ederrak-egiten.html | Jende apasionatua gauza ederrak egiten | Kepa Matxain | 2017-06-04 00:00:00 | Jende apasionatua gauza ederrak egiten
Usopop Festibalaren kronika. Maiatzaren 27an, Saran. Taldeak: Totorro, Laish, Bigott, Petit Fantôme, Paxkal Irigoyen & Kontsumo Orkestra, Howdy SS.
Apustu segurua bihurtu da Usopop festibala. Lasai joan zaitezke kartelaren hiru laurdenak ezagutu gabe, antolatzaileen usaimena aski berme baita jakiteko eszenatokia zapalduko duten musikariek benetan merezi dutela. Hala izan da aurten ere. Laish britainiarren pop atseginarekin ireki zituen ateak jaialdiak. Paxkal Irigoyen eta bere Kontsumo Orkestra hasi ziren segidan, eta, mugikorrak eta kamerak itzaltzeko galdeginda, mantso liseritzeko doinuz bete zituzten Lizarrietako parajeak. Petit Fantome taldearen gitarra gandutsuek lehertu zituzten lehen gerri mugimenduak. Izango zuten horretan zerikusirik tarteka shoegazingera tarteka elektronikara gerturatzen ziren doinu indartsuek, eta baita ordurako entzuleek
–bero sapa arintze aldera– dzangatutako Bob´s Beer guztiek ere. Eta amaitzeko, Totorro, bere erritmo puskatuekin, atzealdean sendo, errematean azti, harmailetan zoramena sortuz.
Baina Usopopek irribarrea piztarazten badu, ez da kartel apartagatik –bakarrik–. Hiru elkarrizketatik bitan agertzen zen miresmen hegoaldezentrista hori, gutxi asko horrela labur daitekeena: "Mugaldeko hauek bai jakin gauzak ondo egiten! Beste ezpal batekoak ditunk". Ez bakarrik ohiko detaile zainduengatik –tipi estiloko kanpadendak, koloretako bonbilak, kandelak–. Merchandising ean ere bidea erakusten ari dira Usopopekoak. Ez metxerorik, ez poltsarik, ez kamisetarik. Zer eta galtzerdiak atera dituzte –pentsa daiteke, hortaz, epe motzean galtzerdiak bihurtuko direla distintziorako behin betiko prenda. Adi azpialde horretan janzten duzuenarekin–.
Gauzak desberdin egiten hasita, desberdin egiten dute karaokea ere. Kontzertuak amaitzean, hartz handi eta txiki guztien argipean, Los Chimberosekoen zuzeneko musikak girotuta hartu zuen mikroa jendeak. Han ez zen playback ik. Eta errepertorioa, ezin orekatuagoa. Aurrena Hotel California , gero La Bamba , eta amaitzeko, inoiz karaoke baterako egin den pieza perfektuena: Latzenen Laztana . Dena dauka: epika, erritmo pausatua, pasioa. Mikroari Xabier Euzkitzek bezala helduta, luzitzeko aukera ematen du, eta jendea gorputz eta arima entregatzen da, kasik lepoan zaintiratua egiteraino. Gauza jakina da Euskal Herrian ez dagoela amonaren bilobarik talde horren beste kantu bakar bat abesteko gai denik, baina horiek txikikeriak dira. Laztana bezalako hit -a sortu duenari dena barkatzen zaio.
Halako gogoetetara iristen zen bat, igande arratsaldez, Sarako plazan, festibala ixteko Bigott taldeak emandako kontzertuari adi. Eta otutzen zaizu baietz, apustu segurua bihurtu dela Usopop festibala, baina ez musika eskaintzagatik bakarrik. Begiratzen duzu ingurura, ikusten duzu jende apasionatua gauza ederrak egiten, eta pentsatzen duzu ezin zaiola gehiago eskatu jaialdi bati. Dena baitauka Usopopek, baita bere mitoa ere. Kondairak dioenez, bada ezkutuko indar bat Lizarrietara igotzeko bihurguneetan, gutxien uste duzunean jokaldi makurren bat egiten dizuna. Orain bi urte Pettiren autoa amildegira erori bazen, aurten komunaren karabana –kakamioia, lagunentzat– irauli zen errepide erdian, sekulako auto ilarak sortuz. Jaialdia ordubetez atzeratu arren, jendeak txantxaz hartu zuen gertakaria. Denen ahotan kontu bera: eskerrak goranzkoan irauli den, beheranzkoan beharrean. A ze estanpa bestela.
Mitoa puzten segitu nahi duenak badu zer makinatu datorren urtean. | news |
argia-c8f9beed7082 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/bazen-behin-bada-gaur.html | Bazen behin, bada gaur | Estitxu Garai Artetxe | 2017-06-04 00:00:00 | Bazen behin, bada gaur
Bazen behin auzo txiki bat, hiri txiki baten eta erreka lehor baten magalean bizi zena. Aspaldidanik, dirugileak izeneko talde batek agintzen zuen munduan. Dirugileek pertsonen lana behar zuten dirua egiteko, eta horrela sortu zen auzoa, hiriko lantegietara etorritako familiekin. Produktuak ekoiztearen truke langileei soldata ematen zitzaien, eta soldata hori atzera eurek egindako produktuak erosteko erabiltzen zuten, benetan ekoizteak balio zuena baino dezente garestiago. Hori zen dirugileek dirua pilatzeko zuten bidea. Denboraren joanarekin, alabaina, dirugileek mauka berria topatu zuten: poltsikoak betetzeko modu errazena etxeak salerostea bihurtu zen. Neurrigabeko sektore bat bazen, hura etxebizitzarena zen. Orduan, dirugileek ikusi zuten auzoa hustea zela errentagarriena, bertan garesti salduko ziren etxe berriak egin ahal izateko. Eta auzoa ia hutsik utzi zuten.
Diru-goseak ez zuen mugarik. Etxebizitzaren prezioek gora eta gora jarraitzen zuten. Jendeak etxeak erosteko dirurik ez zuenez, dirua ere saldu egiten zitzaien, bizi artean diru hori ordaintzen egotearen baldintzapean. Baina une batetik aurrera askok ez zuen zorra ordaintzeko adina diru, eta eraikitako sistema osoak eztanda egin zuen. Eztanda horren harira, auzoan egitekoak ziren proiektuak etenda geratu ziren.
Egoeraren krudela berriro ere langileek ordaindu zuten, soldatak murriztu zitzaizkien, lantegi asko itxi eta beste batzuk tokiz aldatu zituzten. Jendeak ezin zuen lanik topatu ezta etxerik eskuratu ere. Herritar guztiei esaten zitzaien ez zegoela beste biderik, euren helburua kosta ahala kosta lana topatzea izan behar zuela, miseria baten truke bazen ere, eta gero etxea lortzeko sorgin-gurpilean berriro jaustea, bizi arteko zorra hartuta.
Erakunde publikoetako kudeatzaile askok espazio aske eta autogestionatuekiko duten ezinikusia ez da kontu berria. Eta honako galdera egin beharko genuke: zergatik egiten zaizkie horrelako proiektuak hain deseroso?
Orduan abiatu zen auzogileen ekimena. Ez zuten sinesten bizimodua antolatzeko era bakarra dirugileek markatutako hura zenik, eta bizigabe utzitako auzoko etxeetan sartu ziren. Elkarlanean sinesten zuten, eta bazekiten banaka gutxi batzuk baziren ere, elkarri lagunduta beste modu batean biziraun zezaketela. Euren lanari esker, auzoa birmoldatzen eta beharrezkoak zituzten gauzak ekoizten joan ziren pixkanaka. Erakutsi zuten bazela gauzak egiteko beste modu bat, justuagoa, pertsonen ongizateari eta euren arteko berdintasunari begiratzen ziona eta ez diruari. Eta hutsik geratutako auzoari bizi berria eman zioten, dirugileen sistema ankerretik at. Hasieran hamar zirenak, hogei bilakatu ziren, eta gero ehun, eta proiektua hazten eta hazten joan zen, eta auzolanean zoriontsu bizi izan ziren urte luzez.
"Eta hala bazan ala ez bazan… Ez, ez zan". Umeei kapitalismoa azaltzeko eta esperantzarako izpia emateko ipuin polita izan zitekeen aurreko hori, Errekaleor auzoko egoera eta Gasteizko Udalaren asmoak ezagutuko ez bagenitu. Erakunde publikoetako kudeatzaile askok espazio aske eta autogestionatuekiko duten ezinikusia ez da kontu berria. Eta honako galdera egin beharko genuke: zergatik egiten zaizkie horrelako proiektuak hain deseroso?
Nik funtzio publikoa ulertzen dudan moduan behintzat, ordezkari publikoek harro egon beharko lukete euren herri edo auzoetan horrelako dinamikak pizteaz, eta horien bidelagun izan beharko lirateke, ez etsai. Interes espekulatiboak alde batera utzita, agian erakunde horien mugak ageriko egiten dituztelako izango da, askoz baliabide gutxiago edukita, borondate eta elkarlan hutsez, funtzio publikoaren hutsuneak betetzen baitituzte bertan sortzen diren egitasmo askok. Bazen behin, bada gaur:
Errekaleor bizirik! | news |
argia-848b1e1913af | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/erregimenak-linfoma-bat-dauka-gipuzkoan.html | Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan | Pello Zubiria Kamino | 2017-06-04 00:00:00 | Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan
Markel Olano Arrese diputatu nagusia hurbildu zenean Hernanin Oronak daukan Ideo eraikin futuristara Gipuzkoako euskalgintzarekin hizkuntza estrategia berria konpartitzera, dozena bat zahar aurkitu zituen atarian "Erraustegirik ez" pankarta eskuetan, Zubietako errauste plantak kaltetutako hamabi aiton-amona aspaldiko euri zaparradarik handienaren azpian blai eginda. Ez bilatu argazkia egunkarietan.
Egun gutxi beranduago Donostialdeko autobideak butxatu zituen ziento erdi bat kotxezko 'Barraskilo Operazioa'ren albisterik ere ez duzu aurkituko. Orobat Azpeitian Altuna y Uriaren egoitzan protesta alaitsua egin zuten gazteenik. Eta menturaz maiatzaren 27an Zubietan Errausketaren Aurkako Mugimenduak bildutako jende multzoaren eta mezuen oihartzunik ere ez zenuen topatuko, baldin eta Gipuzkoa Zutikeko gazte adoretsuek ez balute egun berean mila laguneko jendetza eraman –mila bai, gazteak gehienak, heldu asko, 80 urtekoren batzuk tartean– erraustegiaren '0 eremura'. Ez etsi, ez onartu erraustegia, bakean eta irmo, #ResistZubieta . Gazteek horrelako kemen, antolakuntza eta fundamentu irakaspena eman behar zigutenik...
Denaren jabe egin da, ustez, Gipuzkoa Garaile bataiatu zuten lobby oligarkikoa. Esku batekin PNV+PSOE+PP erregimena, onartuko al zait boterea ezartzeko formularen definiziotzat "erregimena", ez darabilt isekatzat. Bestearekin Gipuzkoako establishment enpresariala, zeinari bermerik postmodernoena ematen dion orain Mondragon Corporationek, bere banku, supermerkatu, industria, unibertsitate eta guzti, Arrasateko kooperatibismoaren deriba neoliberala. Erregimena guztiaren jabe eginik, zenbait arlotan "zubilanak" aipatzea bihurtu da zubiak eraikitzea baino irabazleen artera dotoreziaz igarotzea edozein zubitan barrena. Barkatu gordin mintzatzea, lagunok.
Arazo bakarra da… historia amaitutzat jo duteneko paradisu "post-gatazka" hau ez dela esajeratuki makillatutako gaixo bat baizik. Hedabide nagusi pribatu zein publiko bananeroek doi-doi saltzea lortzen duten Gipuzkoako oasi harrak joa. Zubietako zuloa da kantzerra azaleratzen duen koskorra.
Mundu osoa krisian eta zuek 2007 aurreko bizimodura itzultzea posible dela sinetsaraziz engainatu nahi duzue minbizi erasokorrak jotako gizartea? Zein soin atal erauzi beharko diguzue hurrena Confebaskek jarraitu dezan business as usual ? Zein herri sakrifikatuko dugu ondoren, eskoriatarako ez bada kea salduko duen usina berri bat eraikitzeko? Nori kenduko zaizkio laguntza sozialak diru publikoen alferrikako beste obra batekin harrapatzaile pribatuak gizenagotzeko? Herritarroi zein eskubide gehiago kenduz ugarituko dizkiguzue gaixotasunak, ondoren sendaezinentzako artatze pribatu eternoak zeuok berriro kobratzeko? Zer egingo dute ezker alternatiboek podiumeko bigarren postua nork hartuko duen errezeloz elkarri markajea egiteaz gain? Ardanza-2 aro itogarri honetan herri hau Erabakitzeko Eskubidea erabiltzeko prest dagoela aldarrikatuz bagoaz norabait?
Hamar urteotan ikasi dugunarekin, zalantzarik txikiena ere ez da geratzen hondakinen kudeatzeko sistemen arteko alderaketan. Errausketa da sistema txarrena, garestiena, zikinena, kaltegarriena. Azalduta dago, Gipuzkoa erdian frogatuta, ez da beste misteriorik. Hala ere, lehendik lantegi kutsagarriz gainezka dagoen Donostialdean lehenbiziko erraustegi kamuflatuari –Rezola- Gipuzkoak behar ez duen bigarren erraustegi bat gehitu nahi diote, jaramonik egin gabe osasun aldetik, urgentziaz behar ditugun lanpostuetatik, bideragarritasunetik, ingurumenaren zaintzatik eta diru publikoen erabilera zuhurretik aurkeztutako oharretako bakar bati, gaur bertan azken zaborra 40.000 tonatara murriztu dezakeen gizarte bati 200.000rentzako labe kutsagarria ezarri eta pagaraziz. Domuit Gipuzkoa eta kito.
Azken hilabeteotako mugimendu eta deklarazioak oso oker ulertu ez baditugu, Gipuzkoako agendaren jabe den erregimenak bezala agendaren gatibu diren opositore nagusiek dagonekoz egintzat eman dute Zubietako errauste planta. Herritar asko ala gutxi izango dira etsi gabe aurrean jarriko zaizkienak? Injustizia onartzen ez dutenek gaindituko ote dituzte erregimenak ezarritako omertà lotsagarriaren hesiak? Gipuzkoarren jenioa esnatuko al da? | news |
argia-3e7c4699b982 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/arrakasta-izan-du-nafarroako-ii-azoka-ekologikoak.html | Arrakasta izan du Nafarroako II. Azoka Ekologikoak | Garazi Zabaleta | 2017-06-04 00:00:00 | Arrakasta izan du Nafarroako II. Azoka Ekologikoak
Iruñeko autobus geltoki zaharra Nafarroako ekoizpen ekologikoaren erakusleiho bihurtu da bigarren aldiz maiatzaren 19tik 21era bitarteko asteburuan. NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua k antolatuta, egitarau zabala eskaini dute asteburu osoan ekimen ugarirekin.
"Ekologikoak, hobeki bizitzeko"
50 ekoizle baino gehiagok hartu du parte Nafarroako II. Azoka Ekologikoan, bisitariei denetariko produktuen eskaintza zabala eginez: barazkiak eta fruta, haragia, arrautzak, esnekiak eta ogia, gozokiak, kontserbak, edariak, zukuak edo ardoa. Etxeko hozkailua produktu ekologikoz ez betetzeko aitzakiarik ez zegoen.
"Nafarroako Azoka Ekologikoarekin hurbileko produktu ekologikoen ikusgaitasuna bultzatzea eta produktuok balioan jartzea da helburua. Azoka, gainera, aukera ona da elikagai ekologikoak Nafarroako jendartera hurbiltzeko", azaldu dute azokaren antolatzaileek NNPEKren webgunean.
Postuez gain, formaziorako beta
Produktu ekologikoen eskaintzatik harago, bestelako ekimenak ere izan dira. Elikaduraren eta ekoizpen ekologikoaren inguruko hitzaldiak eta azokako produktuen aurkezpenak ez dira falta izan hiru egunetan zehar. "Baratza kritikoa" Mugarik Gabe Nafarroaren erakusketa ere ikusgai jarri dute Nafarroako Condestablen, maiatzaren 27ra bitartean.
Horrez gain, sukaldaritza erakustaldiak antolatu dituzte: sukaldariek jendaurrean prestatu dituzte beren platerak, hurbildutakoei aholkuak emanez. Makrobiotika aholkulari bat izan zen saio horietako batean, adibidez, "Astirik gabeko jendearentzako sukaldaritza" izeneko erakustaldian.
Helduak hitzaldi nahiz aurkezpenetan zeuden bitartean, etxeko txikienek ere izan dute zer egina azokan. Xaboi ekologikoa egin eta pintura ekologikoekin marraztu dute gaztetxoek haurrentzako antolatutako jardueretan, besteak beste.
Milaka bisitari jaso ditu azokak asteburuan, eta pozik agertu dira antolatzaileak lortutako arrakastarekin. Nafarroan ere produkzio ekologikoaren gaineko interesa zabaltzen doan seinale. | news |
argia-82945c531893 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/cid-en-ezpata-martzillan.html | Cid-en ezpata Martzillan | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2017-06-04 00:00:00 | Cid-en ezpata Martzillan
Valentzia, 1094. Rodrigo Díaz de Vivar Cid-ek hiria hartu zuen eta zeregin horretan Tizona izeneko ezpata kendu zion Marokoko Bucar erregeari. Horixe dio behintzat Mío Cid-en eresiak. Cidek haren suhiei, Carrióngo infanteei oparitu zien arma, gero berreskuratzeko eta, azkenik, Pedro Bermúdez ilobari eman omen zion. Hor galdu zen ezpataren arrastoa.
Mende batzuk geroago ustezko Tizona Errege-Erregina Katolikoen esku zegoen. Pierres Peralta Ezpeleta kondestable agaramontarrak (1421-1492) errege-erreginen ezkontzaren aldeko negoziazioetan lan handia egin zuen eta, horregatik, Fernando Katolikoak ezpata hura, Io soi Tisona hitzak grabatuta dauzkana, eman zion opari. Ezpataren jabe berria, Leringo I. kondea, Martzillako baroia eta Faltzesko lehen markesa izango zenaren aitona zen eta, hala, ezpata mitikoa Martzillako gazteluan gorde zuten. Hantxe egon zen XX. mendera arte, Espainiako Gerra Zibila arte, zehazki.
Kolpistentzat Espainiaren iragan loriatsuaren sinboloa zen Tizona eta, horregatik, Nafarroatik atera eta Madrilgo Ejertzitoaren Museora eraman zuten frankistek. 1975ean Franco hil ondoren, ezpata Faltzesko markesari –Peraltaren oinordekoari– itzuli zioten eta hura Espainiako Kultura Ministerioari saltzen ahalegindu zen. Baina ministerioak pieza erosteari uko egin zion, Rodrigo Díaz de Vivarren benetako ezpata zela baieztatuko zuen frogarik ez zegoela argudiatuz.
78,5 zentimetro luze eta 4,5 zentimetro zabal den ezpata xehe aztertu dute adituek, eta orria kalitate onekoa eta Ciden garaikoa dela diote (egun duen ezpata-burua berriagoa da, XV. mendean ipini zioten). Beraz, mendetan Martzillako gazteluan egondako ezpata benetako Tizona izan daitekeela diote, baina horren behin betiko frogarik ez da sekula aurkitu. Gainera, beste Tizona batzuk ere azaldu edo aipatu izan dira hainbat dokumentutan.
Eta, hala ere, Gaztela-Leóngo Juntak 2003. urtean 1,6 milioi euroren truke erosi zion ezpata markesari. | news |
argia-c068add4e4b2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/zazpi-zaldi-deukodaz.html | Zazpi zaldi deukodaz | Itxaro Borda | 2017-06-04 00:00:00 | Zazpi zaldi deukodaz
Ez da beti gozoa izan Euskal Herrira itzultzea andere edo gizon arrotz batekin. Askotan erbestea sari, eta bakarretan tragedia. Hilotz anitz kausitzen da euskal kantuen eremuan, odola, beldurra eta heriotzaren epika. Hiru Truku talde akustikoak –Ruper Ordorika, Joseba Tapia, Bixente Martinez– 1994an plazaratu zuen Frantziako Anderea baladaren bertsio modernoa, eredu horretan kokatzen da bete-betean.
Manuel Lekuonak jaso zuen 1933an, Zeanuriko Undurraga baserrian, Frantziako Anderea tituluarekiko eresia: hamasei kopla, zortziko txikian harilkatuak, bizi-biziak. Testuaren trinkotasun uhergarriak erraiak inarrosten dizkigu irakurtzean bertan. Juan Dorronsoro bertsozaleak kantaren bertsio bat bildu zuen Ataunen, bizkaieraz, transplantatua. Antonio Zavalak kontatzen zuenez 1998an, zeanuritar senar-emazte batzuk etorri ziren Ataunera eta hauen haurrengandik erdietsi zen obra eder hau.
Harrigarria da ikustea, edozein dela euskalkia, abesti latzak zein sakon errotzen diren euskaldunon memoria kolektiboan. Ezpeldoiko alabak, Urtsuko arreba Joanak, Musde Irigaraien alargunak eta Frantziako Andere gazteak espirituak markatzen zituzten eta horri esker pasatu ziren belaunaldiz belaunaldi, aldaketa apurrak gora behera. Jendetasunaren oinarriari mintzo zitzaizkien, bihotzari, garunari, ametsari, gutan unibertsala den sentimendu bati.
Oraindik ere gustatzen zaizkigu. Gure sozietatea irudiarena bilakatua denez, kopla zahar hauetako istorioen antolaketa edo moldaketa arras zinematografikoa azpimarratzen dugu: elkarrizketak badira, espazioan solaskideak nola plantatuak diren agerpenak, erailketaren tresnak azaltzen dira eta hondarrean krimena bera obratzen da ikusgarriki, pastoraletan bezala, pertsonaia nagusiak hiltzailea madarikatzen duela azken hatsa eman bitartean. Frantziako Andereak narrastiekiko metafora erabiliz, muskerra eta sugeak itxuratzen ditu amaginarrebaren ohean:
Ai neure amaginarreba
muskerrez betia
subeak eingo al deutsu
arratserak ohia.
Errenazimenduko giroa usnatzen dugu poema handios honetan. XV. edo XVI. mendeetan gaude antza, elkarren arteko gerrak sustatuz, errege konkistatzaileak orain ezagutzen ditugun estatuak, bortitz eta anker, orrazten ari zirenean:
Etorri nintzanean
Frantzie kortetik,
ama topatu neban
suitian tristerik.
Nafarrak, bizkaitarrak eta Iparraldeko sendietako hirugarren semeak errege pataskari horien zerbitzuko jartzen ziren, dirua eta abentura amets zuten mertzenario gisa. Alexandre Dumas nobelagilearen 1844ko Hiru Mosketariak eleberri ezagunak aipatzen du Richelieuren (1585-1642) denborako Zuberoa eta Biarno arteko mugetan garatu mugimendua D'Artagnan, Aramits, Porthos eta Athos pertsonaia distiratsuak ardatz.
Frantzie kortetik bueltan zetorren gizon gaztea, agian, gerrazale banda bateko kidea zen, bakearen orduak jotzean, Frantziako gorteren batean ezagutu zukeen bere ezkontidearekin etxeratzeaz beste erremediorik ez zuena. Arratia aldeko etxe noble bateko ondorengoa zitekeen, amaren seme kuttuna, amaren menpekoa arras. Ama suitian tristerik dago: semearen hiztegiak neurri batean zirkulu aberatsena ekartzen du gogora, suitea deitzen duelarik menturaz, familiako jauretxe umil eta hotz hartako sukaldea edo ezkaratza. Bizkaian gabiltzanean, etxe indartuak miretsi ditzakegu eta berehala buruetan gertakari odoltsuak asmatzera lerratzen gara.
Ondoko zortzi kopletan ama-semeen arteko solasaldia garatzen da, perpaus laburrak, tragikoak. Hor ikasten dugu semea atzerritik ezkondua datorrela, Frantzie kortekoa duen Juanita izeneko emaztearekin. Amak ez du frantses emakumerik nahi bere seme laztanarentzat, are gutxiago jatorri berdineko errainik:
– Ez dot gura frantsesik
hain gutxi errainik
– Esan dodan berbiaz
urten bihar dot nik.
– Esan dozun berbiaz
urten bihar dozu
urten bidera eta
hil ein behar dozu.
Amak kondena formulatu du: semeak kanpotik ekarri anderea erail beharko du. Semea alta, maitemindua da, Juanitari zinez atxikia, eta ez du erraz onartzen amaren ebazpena. Arropa beltzez apainduriko etxeko andere zaharrarekin negoziatzen saiatzen da, ondorio onik gabe:
Hain de polite ba ze
nire emaztea
ez da posible ama
nik hori eitea.
Semeak ez du ihesik. Arazoa, hemen, ezkontza exogamikoek sortzen dute, Euskal Herria, ordukoz, Hegoaldean Espainiaren eta Iparraldean frantses boterearen atzamarretan dagoela. Abesti hauetan jatorri geografiko kontua larriagoa da maila sozialen arteko leizea baino, ezkontide hauek, funtsean, guztiz gehienak aristokrata txikiak zirelako.
Amaren manua egiazko ordena da: Juanitak hil beharko du, derrigorrez. Semeak, ekintza horren burutzeko kobardeegia baldin bada, estudiante dabilen bere anaiari laguntza galdatzen ahalko dio:
Zuk ez pozu posible
hartu anajia,
anaje gaztea da
estudiantia.
Semearen tristura imajina dezakegu bere andere ederrari zalditik jaisteko eskatzean, deblauki, puñala bihotzean sartzeko xedea zeukala jakin arazten dionean:
Juanita jatsi zaite
zaldien ganetik
sartu daitzudan punal hau
bihotzen erditik.
Ai horren punal horren
puntien zorrotza
ikusiez beste barik
hilten deust bihotza.
Bere aldian, Juanita, senarraren berazteko urratsetan galduko da. Heriotzaren beldurra aipatzen dio eta familiatik eskuratu dotearen aberastasun materialak oro zerrendatzen dizkio:
Zazpi zaldi deukodaz
izeraz jantzita
zortzigarrentxoa barriz
perlaz estalia.
Horrez gainera dekot
urre kalizia
urre-kalizia ta
sobre pelizia.
Harek emongo tzudaz
istiarren bizirik.
Juanita, azken uneraino borrokatuko da. Mihisez eta perlaz hornitu zaldiak, urrezko kalitzak eta abere larruzko palto karioak eskaintzen dizkio bizitzen uztearen truke. Urtsuko kantako Joana ere, anaia apezarekin hizketan, berea salbatzen entseatu zen. Halaber Ozaze Jaurgaineko neskatxak, Espainiara eraman bezperan, ama saltzailea bere heriotzaren errudun egin zuen. Orduan, gaur egun bezala, emazte baten otoitza imilitzaren pare zitekeen.
Semea jadanik amaren influentzia pean zegoen. Ama, bikotearen saihetsean herioaren sua akuilatzen irudika dezakegu, bere orroetan zikoizkeria eta gorrotoa sentitzen direla.
Harek neuretzat baina
ez itxi bizirik.
Antzinako euskal balada anitzetako erail tresna da puñala. Eskumuturrean fermuki atxikitzeko eta erabiltzeko erraza zen. Jomuga ez zuen huts egiten eta zuzenean bihotzera zihoan ezpata txiki erosoaren puntie zorrotza . Zaldunek oinetakoen barruan zeramaten gordea, zer edo zer gerta ere, beti baliatzeko prest. Kasu honetan, senarrak, ama larderiatsu haren semeak, ez zion Juanitari aukerarik eman.
Zeanuriko eresiaren hondar hiru kopletan Juanita bera dugu aditzen, bere herioa deskribatzen duela: agonia kanpaiak hautematen ditu, izarak edo mihiseak odolez mantxatuak ikusi eta amaginarrebaren madarikatzeko beta ere baduela zendu aurretik:
Kanpai bat entzuten dot
ez dakit nongoa
igual izango da
agoniekoa.
Zazpi izera dodaz
odolez mantxaurik
zortzigarrentxu honek
naroia ni mundutik.
Bukatzean, jada erran dugun eran, amaginarreba muskerrei eta sugeei konparatzen du, sendiaren boterea gatibatzen duen narrasti herrestari eta gaiztoa baino ez dela erakusteko. Iruditeria horrez, Juanita, Caravaggiok Marmoka taulan egiaztaturiko errenazimenduko tradizio batean kokatzen da: buru ebaki bat, sugeez setiatua…
Arratiako lurretan Frantziako Anderea ren beste aldaera bat kantatzen da. Idazki honetan, amaren eraginez, semeak ez ezik, herriko apeza ere ekintzari juntatzen zaio, Juana edo Juanitaren hilketaren obratzeko. Aldion, eliza eta familia uztartuz, egitura sozial oso bat batzen da exogamia errotik eta bortizki gaztigatzeko: maitasunak ez du muntarik.
Senarrak eman ziran lehenbiziko kolpia
berehala koñadu apezak aldamenetik bertzia.
– Oi kanabitaren puntaren zorrotza!
Usu harrapatu dio nire amari bihotza.
ARRATIAKO ALDAERA
Arratiako beste aldaera, Jon Juaristik adineko emakume baten ahotik hartu zuena laurogeiko hamarkadan:
– Agur, agur, ama neuria!
– Ongi etorri zarela seme neuria!
Ezkondurik ala ezkongai heldu zara
semia?
– Ezkondurik heldu naiz ama neuria.
– Frantsa ala española duzu andria?
– Frantsesa dut baino guztiz noblia.
– Mortura guan eta hil egin behar dik,
Nik eztiet ikusi nahi frantses erreinarik.
Handikan guan nintzen apezarengana
apezarengana eta anaiarengana
hark ere esan ziran amak bezala
mortura guan eta hil egin nezala.
Handikan guan nintzen arrebarengana
arrebarengana eta gazteenarengana
haretxek esan ziran bihar zan bezala
etxera karri eta maitatu nezala.
Estimatzen zuela koñata bezala.
– Andria, igesi, igesi zaldien gainera
mortura guan eta hil egin behar dun.
Andriak heldu dire handik eta
hemendik
nire arreba Juana ezta ageri inondik.
Senarrak eman zira lehenbiziko kolpia
Bereala koñadu apezak aldamenetik bertzia
– Oi kanabitaren puntaren zorrotza!
Usu harrapatu dio nere amari bihotza. | news |
argia-77d16bf06ce8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/rock-instrumental-fina.html | Rock instrumental fina | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2017-06-04 00:00:00 | Rock instrumental fina
Pieza instrumentalak jotzen ditu Sofa taldeak, letrarik gabekoak. Giro musika da, azken batean, rock instrumental fina, dotorea. Melodia eta harmonia politak egiten dituzte indar eta grina handiarekin. II bigarren diskoko kantuak ederki landu dituzte, ederki moldatu, eta lana oso ongi ekoiztu dute Karlos Osinagarekin. Soinu sendoa, trinkoa eta distiratsua gauzatu dute.
Taldekideak Zumaiakoak eta Zarauzkoak dira: Jonbe Martinez (gitarra), Kepa Izeta (baxua) eta Imanol Sesma (bateria). Trebetasunez aritzen dira beren musika tresnekin, bizi, eta gatz eta piper handiarekin.
2012an sortu zuten Sofa taldea, eta I lehen lana 2015ean kaleratu zuten. 200 aleko lehen edizio mugatua egin zuten, eta diskoak eskuz eta mimo handiz bildu zituzten kartoizko kutxatan. Bigarren edizioa ere egin zuten, eta ale guztiak saldu zituzten. Disko horrek oihartzuna izan du, berrogei emanaldi baino gehiago egin dituzte diskoa kaleratu zutenetik, eta taldea gero eta ezagunagoa da. II lan berria haren jarraipen ederra da. Beren bidean aurrera egin dute.
Musika, rock musika, beren eran ulertzen eta jotzen dute. Modu horretan azaleratzen dituzte haien sentipenak eta kezkak, eta transmititzen dute bizitasuna, bizipoza, gogoa eta ilusioa grabazioetan eta jendaurreko emanaldietan. | news |
argia-afdb27f93b92 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/macronek-vi-errepublikaren-bidean-jar-lezake-frantzia.html | Macronek VI. Errepublikaren bidean jar lezake Frantzia | Mikel Asurmendi | 2017-06-04 00:00:00 | Macronek VI. Errepublikaren bidean jar lezake Frantzia
Frantziako Asanblea Nazionalerako bozak izanen dira ekainaren 11n eta 18an; hauteskunde legegileak. Inkognita bat dago oroz gainetik: Emmanuel Macronek Gobernuan lortu duen botere kontzentrazioak ekarriko al dio Legebiltzarreko gehiengoaren sostengua? 557 diputatu hautatuko dira. Anartean, Manchesterreko atentatuak bozen inguruko gaiak uxatu ditu hedabideetatik, juxtu kanpaina ofiziala hastear zenean. Halaber, Britainia Handiko hauteskunde legegileak dira ekainaren 8an. Seguritatea berebiziko gaia bilakatu da Europako estatuetako hauteskunde kanpainetan.
"Ziurgabetasuna" da Frantziako solastoki politikoetan gailendu den hitza. Hexagonoa hauteskunde giroan murgilduta dago iragan udaz geroztik eta kanpaina guztietan "incertitude" hitza errepikatu da behin eta berriz. Emmanuel Macron presidenteak Les Républicainseko (LR) kide Edouard Philippe lehen ministroa eta gobernu berria izendatu ostean, galdera ugari dira airean. Lehenbizikoa hauxe: nola eragingo du Legebiltzar Nazionalaren osaketak gobernu berriaren politikan?
"Erreforma" da Macronen hitzaldietako hitz nagusia. Gobernu berriko –MoDem alderdi zentristako– François Bayrou justizia ministroak horretarako "politika birmoralizatu beharra" gogorarazi dio. Macronek agindutako "moraltasunaren aldeko lege berria" eginkizun nagusietako bat da. Ezbairik gabe, gobernu berriak deontologia politikoa landu beharko du, baldin eta Macronek agindutako aldaketak beteko baditu. Lan erreforma, fiskalitatearen berrikuntzak, hezkuntza arloko aldaketak, segurtasuna eta Europarekiko elkarkidetasuna dira presidenteak berritu beharko dituen esparruak, baldin eta politika egiteko modu berria ekarriko badu Frantziako politikagintzara.
Konparazionera, egungo Lanaren legea, El Khomri legea deitua ere, 2016an ezarri zen, Manuel Valls lehen ministroa zelarik eta Myriam El Khomri Lan ministroa izaki. Aurreko gobernuaren arabera, "legea berritu zen lanaren eskubidea eta askatasun esparrua zabaldu aldera, baita enpresa eta lan esparruko eragileak babesteko ere". Macronek Ekonomia ministro kargua utzia zuen ordurako, nonbait, legea ez zuen begi onez ikusi, baina legea horren liberala izanda, inor gutxik uste du egungo legea bere tesietatik urrun dagoenik. Edonola ere, Hollande presidentearen gobernuak ez zuen enplegu arlora espero zituen emaitzak ekarri, aldiz, legeak sindikatuen eta langileriaren kritikak jaso ditu. Bien bitartean, Macronek ez dio Hollanderen bosturteko mandatuari onespena eman, hori Eliseoko balizko teilatu berriari harriak botatzea bailitzateke.
Ezkerra ofizialetik harago dauden ezkertiarren ikuspegitik, "Macron lan erreforma egitera behartuta dago gobernu berria itxuratzeko, baina funtsean, bere lege berriak ere ez luke ekarriko lan mundua berregituratzeko behar den aldaketa sakona". Fiskalitatearen erreformari dagokionez, presidenteak Taxe d'habitation delakoa (Etxearen zerga) kenduko zuela agindu zuen kanpaina garaian. Agindu bai, besterik da gauzatzea. Erreforma horren aplikazioak hainbat oztopo aurkitu ditu dagoneko. Hots, ez dago zehazturik noiz hasiko den aplikatzen. Zein adineko zergaduni? Zergadun guztientzat berdin?
Estatu Islamistak (EI) Manchesterren egindako sarraskiak seguritatearen gaia ekarri du eztabaida politikoaren lehen lerrora berriz ere
Edonola ere, Estatu Islamistak (EI) Manchesterren egindako sarraskiak seguritatearen gaia ekarri du eztabaida politikoaren lehen lerrora berriz ere. Hauteskunde legegileen kanpaina ofiziala hastear zegoenean, Macron presidentea, Edouard Philippe lehen ministro eta, kanpo harremanetarako eta Europarako ministro Jean-Yves Le Drianek bete dituzte hedabideetako lehen lerroburuak eta egunkarietako orrialdeak. Ekainaren 8an hauteskunde legegileak izanen dira Britainia Handian. Theresa May lehen ministroak "Erresuma Batua terrorismotik babesteko" neurri berriak iragarri ditu. Bretainia Handian abian da Brexit delakoa, alta, seguritate gaiak Europako estatu guztiak batzen ditu. Izan ere, atentatuak britaniar gobernu eskuindarra "indartu" du datozen hauteskundeen aurrean. Frantzian ere, halako atentatu bat jasotzearen beldurra zegoen aspaldion, bertan horrelako atentatua izan gabe ere antzeko ondorioa atera daiteke. Fronte Nazionaleko (FN) Marine Le Penek altxatu du ahots disonante bakarra: "Frantzian ez da deus seriosik egin terrorismo jihadistaren aurka".
Hedabideez harago, kanpaina kalean dago zernahi gisaz. Hautagaiak tokian tokiko arrondizamendu edo barrutietan ari dira. 557 diputatu izendatuko dira. Marine Le Penen Fronte Nazionala ez da Errepublikanoak Martxan alderdiaren arerio nagusia. Boz presidentzialetan ez zen K.O. gelditu, baina puntutan galdu zuen. Gainera, bozen sistemak ez du laguntzen FN. Hautagaitza guztiek diputaturen bat lortzeko aukera "zapuztuko" diote bigarren itzulian. Diputatu edo senatari bat lortzeko LR da FNren arerio nagusia.
LR ahul dago halere. Bere hogei diputatuk begi onez ikusi dute Philippen izendapena. Bordeleko auzapeza Alain Juppe da (Juppe eta Philippe ildo berekoak dira LRn) indarrez eta nortasunez LR ordezkatu dezakeena. Oraingoz, ez da LRko inor Errepublikanoak Martxanen zerrendetan. Jupperekin batera, LRko buru esanguratsu den François Baroinek dioenez, Macronek LRko hainbat kide bahitu ditu, baina ez du "gerra" irabaziko. LRek Macronen "erasoaldiari" eutsi nahi dio, lehen rounda ekaineko lehen itzulian jokatuko da.
PSko kideak ere badira gobernu berrian. Lyongo auzapez eta barne ministro Gerard Collomb ez da edonor. Macronek K.O. utzi du Alderdi Sozialista. Hollandek eta Vallsek Macroni lagundu diote zeregin horretan. Benoît Hamon da PSko ikur bakarra. Argia ematera deitua izan zen, baina itzalpean geratu da. PSko 24 diputatu Errepublikanoak Martxaneko zerrendetan daude. Honek 428 diputatugairen izenak aurkeztu ditu.
Le Pen ez da arerio sendoa eta LR kolokan dago. Frantzia Intsumisoaren Jean-Luc Mélenchonek Marseillako barrutian aurkeztu du bere burua. Hau da, FNren plaza nagusietako batean. Ez da alderdien liderren arteko norgehiagoka bakarra. Adibidez, Benoît Hamonek PCko hautagai Michel Nouaille sostengatu du Essoneko 1. barrutian, Manuel Vallsen aurka. Era berean, Hamonek Caroline De Haas hautagai feminista sostengatzen du Parisen, lan ministro ohi eta PSko Myriam El Khomri hautagairen aurka. Areago, EELV ekologistek eta PCFk ere De Haas sostengatzen dute.
Frantzia Intsumisoa da Errepublikanoak Martxanen arerio nagusia. Mélenchonek ez omen du bere hautagaiak engainatu nahi. PCFrekin zuen aliantza bertan behera utzi du. "Presidentzialetarako gure programa ukitu gabe mantenduko dugu, ez dugu boza eman digun inor traizionatuko". PCFk programako hainbat gai "apalarazi" nahi zituen.
Frantziak IV. Errepublika garaiko egoera bizi du. Europar Batasunaren proiektua orduan jarri zen martxan. Frantzia II. Mundu Gerra eta Algeriako Gerraren krisitik atera berria zen. NATOren barruko aliantzak finkatu behar izan zituen, besteak beste. Egonkortasunik gabeko egoera haren ondoren sortu zen V. Errepublika, Charles de Gaullek gidatua. V. Errepublika larrialdian dago egun, eta Macronek VI. Errepublikaren bidean jar lezake Frantzia. Horrek baina, erreformez harago, Konstituzioaren erreforma beharko luke. Horretarako, Macronek Frantziako Legebiltzarraren gehiengoaren sostengua beharko luke. Gobernuan lortu duen botere kontzentrazioa berresteko eta berak aldarrikatzen duen Frantzia berria martxan jartzeko. | news |
argia-fc4108a243c4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/bizipenekin-sortzen-duguna-horixe-da-magia.html | Bizipenekin sortzen duguna, horixe da magia | Nora Barroso | 2017-06-04 00:00:00 | Bizipenekin sortzen duguna, horixe da magia
Oreretako AsteBatzuk ekimenean hartu dut parte. Ekimenean izena eman nuenean euskaraz ahalik eta gehien aritzeko helburua jarri nion neure buruari bai eta hizkuntzarekiko eta inguruarekiko sentsibilitatea areagotzea.
Lehenengo egunean txapa jarri, herrira jaitsi eta ohikoa ez den denda batean sartu nintzen. Dendariari, Kaixo esan eta berak berdin erantzun zidan. Ordura arte, agurretik at emakume hura ez dut entzun inoiz euskaraz hitz egiten. Beste bezeroekin gazteleraz entzun arren zergatik ez naiz euskaraz aritu?
Oraingoan euskaraz hitz egitea erabaki nuen. Erosketa egiteko garaian zalantza bat eduki nuen eta irribarretsu euskaraz egin nion galdera; berak poliki eta euskaraz erantzun zidan. Poz-pozik eskerrak eman nizkion.
Orduan gizon bat sartu zen; bezero ezaguna zela sumatu nuen eta beraien artean gazteleraz hitz egiten hasi ziren. Zalantza berri bat sortu zitzaidan eta orain ere euskaraz aritu nintzen. Pentsakor geratu ostean poliki euskaraz erantzuten hasi zen. Bukatu zuenean beste bezeroak harrituta hauxe esan zion gazteleraz:
– Ez nekien euskaraz hitz egiten zenuenik? Ze polita, ezta?
– Alabak badaki euskaraz, baina nire senarrak ez. Asko kostatzen zait, ez dut ondo hitz egiten.
– Ba oso ondo egiten duzula ematen du.
Gizonak pozik begiratzen zion.
Orduan nik zera esan nion:
– Oso ondo hitz egiten duzu. Euskaltegirik naturalena harremanekin sortzen dena da. Gehiagotan etorriko naiz hona eta euskaraz hitz egingo dut zurekin, ados? Horrela praktikatuko dugu.
Estereotipoei bizkarra ematen ez badiegu, erraztasun gehiago dugunok ez bagara aritzen, ez badugu aurrean duguna behar bezala kontuan hartzen, zer espero dezakegu, zer eskatuko diegu besteei?
Irribarre handi bat bota zidan, ordaindu eta neu ere irribarrea ahoan joan nintzen. Joan aurretik, beste bezeroak gehiagotan euskaraz hitz egin behar zuela esan zion dendariari, ederki egiten zuela, soinu politak botatzen zituela. Hizkuntzarekin zituzten bizipenei buruz modu baikorrean hitz egiten utzi nituen. Lehen eta bigarren hitza beti egiten dut euskaraz, baina gaztelerara zenbatetan jotzen nuen ez nintzen jabetzen.
Zer gertatu zen? Aurrena, aurreiritziei ateak itxi nizkiela eta espazio txiki batean komunikatzeko eta euskaraz hitz egiteko borondatea zuten bi pertsona elkartu zirela. Estereotipoei bizkarra ematen ez badiegu, erraztasun gehiago dugunok ez bagara aritzen, ez badugu aurrean duguna behar bezala kontuan hartzen, zer espero dezakegu, zer eskatuko diegu besteei? Nola lortuko dugu pertsona horiek euskararen gramatika ikastetik euskaraz aritzeko saltoa ematea? Euskaltegiek ez dute magia egiten; magia, bizipenekin sortzen dugun horixe da. Komunikazio bide herrikoiak zabaltzen jarrai dezagun! | news |
argia-50bf425a7d5c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2556/itxaso-martin-isiltasunak-arakatzen.html | "Medikuntza eta psikiatria gizartetik bereiz daudela uste dugu, baina ez da hala" | Uxue Apaolaza | 2017-06-04 00:00:00 | "Medikuntza eta psikiatria gizartetik bereiz daudela uste dugu, baina ez da hala"
Itxaso Martinek (1981, Donostia) nobela bat idatzi zuen, Ni, Vera, azken urteak psikiatrikoan eman zituen birramonaren historian oinarrituta. Oinarri bera izan zuen master baterako egin zuen ikerketa-lanak, eta hari horri tiraka, garaiko psikiatriko bateko (1937-1950) 500 historia irakurri eta birramonarenari haien arteko zazpi emakumerenak gehituta ondu du Eromena, azpimemoria eta isiltasuna(k) idazten: Hutsune bihurtutako emakumeak garaiko gizartearen eta moralaren ispilu izeneko tesia.
Zure ikerketaren oinarrian zortzi emakume daude. Nor dira emakume horiek, nola aukeratu dituzu?
Abiapuntua nire birramona izan zen. 1935ean ingresatu zuten eta 1986ra arte egon zen psikiatrikoan. Ikerketarako oinarria zabaldu behar zen, baina argi neukan ez nuela "mikro" ikuspegi hori galdu nahi. Psikiatriko baten artxiboan lanean aritu nintzen: 1937koak ziren lehen historiak, eta urte horretatik 1950era artekoen artean zazpi aukeratu nituen… Zergatik zazpi horiek? Irizpidea arrazoiz justifikatu behar nuke akademiak hala eskatzen didalako, baina irakurri ahala nigan zerbait sortzen zutenak aukeratu nituen. Argi nuen emakumeak izango zirela, garrantzitsua iruditzen zitzaidalako lantzen ari nintzen ikuspegi feministatik kasu horiek aztertzea.
Garai jakin bateko psikiatrikoak eta psikiatria aztertu dituzu, frankismokoak. Zer berezitasun ditu garai hartako psikiatriak?
Psikiatriaren ikuspegia aldatu behar dugu, nire ustez. Izan ere, aplikatzen zen psikiatrian eragin handia zuen Espainiako Estatuan zegoen egoera politiko eta sozialak. Eta gaur ere hala da. Psikiatriaren ezaugarriak, azkenean, frankismoaren berberak ziren. Kasu askotan oso psikiatria biologizista zen, alegia, gorputzean zegoen gaixotasuna; baina, katolizismoak zuen indarra dela eta, moralak ere bazuen eragina. Medikuntza eta psikiatria gizartetik bereiz daudela iruditzen zaigu, baina ez da hala, erabat baldintzatuta daude.
Gainera, psikiatrikoak askotan izaten ziren benefizentziako erakundeak, eta asko ziren elkarte erlijiosoek sortutakoak. Horrek eragin zuzena zeukan ez bakarrik bertan zegoen tratuan, baita egiten ziren diagnostikoetan ere. Ikusten badituzu garai hartako psikiatriako tratatuak erabat baldintzatuta daude. Morala eta katolizismoa medikuntzaren oinarritzat zituzten.
Psikiatria, beraz, arauak betearazteko tresna ere bazen?
Hala zen. Birramonaren kasua aztertzen hasi nintzenean, beste arrazoi batzuk zirela eta, beste herrialde batzuetan idatzitako testuetara jo nuen, hemen oso gutxi aztertu izan den zerbait baita, batez ere genero ikuspegitik. Konturatu nintzen eroei edo eromenari buruzko testuetan agertzen zena gizonezko ero brillante bat izaten zela. Ideia erromantikoa zuten. Alde horretatik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan emakumeak aztertzea. Historiak ikustea garrantzitsua da, teoria gauza bat baita, baina emakumeen historiak ikusten dituzunean eta, gainera, emakumeek berek idatzita ere irakurtzen dituzunean, ohartzen zara gizarteak agintzen duenak zer neurritan eragiten duen beren jarreran, arazoetan, kezketan… Eta ohartzen zara gizarteak markatutako roletik ateratzen zirenak gaixotzat jotzen zirela.
Orain atzera begiratzen dugunean eta urte haiek aztertzen ditugunean, esaten dugu "hara, pentsa, pertsona hauek epileptikoen leku berean sartuta zeuden…". Baina nik askotan egiten dudan galdera da, 2050ean 2017a begiratuko ote dugu, eta esan "hara, pentsa…"? Uneko egoerari oso lotuta dago psikiatria. Aztertu ditudan kasuetan, erruduntasuna zen %90 ingururen arazo nagusia. Eta errudun sentitzen ziren amatasuna gizarteak eskatzen zuen bezala ez eramateagatik, sexu desira izateagatik… Emakume rola egoki ez betetzeagatik.
Tesiaren izenburuan Azpimemoria aipatzen duzu eta Antibiografia da zure laneko beste kontzeptu garrantzitsu bat.
Antibiografia da Ignasi Terradas antropologoak planteatzen duen teknika. Eliza Kendalli buruzko liburu bat idatzi zuen, kapitalismoa ia bere garai bortitzenean zegoenean bere burua ibaira bota eta hil zuen langile bati buruzkoa. Emakume horren aipamena liburu baten oin-ohartxo batean baino ez da azaltzen. Horretan oinarrituta, Terradasek planteatzen du daturik ez dugun pertsona bati buruz idaztea, haren antibiografia lantzea, gizarteak ezkutatu nahi duen horrek, bazterrek, informazioa ematen baitigute gizarte horren muinari buruz. Nire birramona izan zen abiapuntua, eta birramona tabua zen familian, inork ez zuen horri buruz hitz egiten, inork ez zuen galdetzen; beraz, erronka zen nola lortu historia bat sortzea apenas informaziorik ez daukazun pertsona bati buruz.
Bestalde, gaur egun memoria darabilgu hitzetik hortzera, eta gizartearen arauei jarraitzen die memoria horrek. Nik azpimemoria erabiltzen dut, memoriaren ezaugarriak ez dituenez memoria ez den zerbait.
Gaur egungo psikiatriko batean ere aritu zara lanean. Zer lortu nahi zenuen?
Ikerketan aurrera egin ahala ohartu nintzen, artxiboan aurkitu nituen eskutitz ugariri esker… Txostenetan askotan ikusten zenituen eskutitzak bidali gabe gordeta. Baita bidali zizkieten eskutitzak ere. Ez dakit jaso eta segidan gordetzen zituzten, edo irakurtzeko eman ondoren. Pertsona hori benetan nola zegoen jakiteko erabiltzen zituzten.
Konturatu nintzen idazteko modua eta orrialdea erabiltzeko modua ez zirela ohikoak. Eskutitz batzuk horizontalean eta gero gainetik bertikalean idatzita zeuden; edo orrialdea beste era batera beteta zegoen, edo esaldiak amaitu gabe… Horrek ikusarazi zidan oso era arrazionalean ari nintzela eromenaz idatzi nahian, testu akademiko bat osatzeko, hain zuzen. Hori urruntzea zen, eta nik ahalik eta gertuen egon nahi nuen. Antropologian landa-lana egiten dugunez, ez dakit zenbat hilabetez ibili nintzen haiekin. Literatura-tailer bat ere egin genuen, borondatezkoa: irakurri eta idatzi egiten genuen, eta han idazten zituztenak ere erabili nituen ikerketan. | news |
argia-367b04e3c738 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/jakoba-errekondo.html | "Baratzea iraultza bihurtzen ari da" | Unai Brea | 2015-04-26 00:00:00 | "Baratzea iraultza bihurtzen ari da"
Usurbil, 1961. Paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoa, landareei buruzko jakintza biltzeari eta zabaltzeari buru-belarri emana azken hamarkadetan. Argian astero-astero artikuluak idazten hogei urte inguru daramatzan honetan, Errekondok aspaldiko proiektua gauzatzear du, "dibulgazio lan horri beste forma bat emate aldera": Bizi Baratzea, aldizkari honekin elkarlanean egindako liburua. Apirilaren 28an egingo den aurkezpenaren atarian, lan horren zergatia azaldu digu egileak.
Oro har landareez idazten duzu Argian, baina liburuaren gaia zehatzagoa da: baratzezaintza. Zergatik hautu hori?
Besteak beste, baratzean gauza berezi bat gertatzen ari delako: iraultza dator. Lurra iraultzen da baratzean, baina baratzea bera iraultza bihurtzen ari da. Azkeneko urteetan, nekazaritza ekologikoan-eta lanean ari garenok ikusten ari gara badela halako buelta bat, berriz etortze bat. Baratzearekiko grina pizten ari da, eta grina hori aprobetxatu behar dugu gure ikuspegia azaltzeko. Jendeak hori nahi duelakoan nago: baratzezaintza, baina bertakoari lotuta, betiko jakintzari helduko diona eta oinarrian kalitatea izango duena. Jaten denaren kalitatea, lurraren eta ingurumenaren kalitatea... Hortik abiatuta, asmoa da baratzean hasi nahi duen jende horrek eduki dezala oinarri erraz, sinple eta hasteko grina hori, kemen hori, piztuko diona. Oso liburu grafikoa egin dugu, erraz irakurtzen dena eta batez ere norberak egin behar duenari garrantzia ematen diona: trikimailuak, gauza bitxiak... Hemengo liburugintzan, eta batez ere baratzeari buruzkoan egoera larria da, bertako ikuspuntuarekin egindako lanen ikaragarrizko gabezia dago.
Euskal Herriko ikuspuntua, esan nahi duzu?
Bai, argi eta garbi. Agian hego-hego Euskal Herrira bagoaz, Ebro ibaiaren inguruetara, informazio gehiago dago, Espainian, Katalunian, Italian... lan handia egin delako, antzeko lurretan. Baina isurialde atlantikoan arazo handi bat dago: erabiltzen ditugun liburuak italiarrak, alemaniarrak, ingelesak... direla. Eta hemen ez dutela balio. Pentsatu behar dugu Euskal Herri atlantikoa dela Europako bitxikeria klimatiko handienetako bat.
Zergatik?
Euria inon ez bezala egiten du, hasteko. Baina ez ditugu muturreko eguraldiak, alde horretatik paradisua da. Ez da tropikala, baina...
Bi udaberri ditugu, liburuan diozunez: udaberria eta udazkena.
Hala da. Eta horrek asko laguntzen du. Baina kontuan eduki behar da etengabe. Teknika jakin batzuk, beste leku batzuetan ia nahitaezkoak direnak, ezin dira hemen erabili. Ura aurreztekoak, esaterako. Halako zenbait gauza hemen eginez gero, hemen dauzkagun arazoak areagotu besterik ez dugu egiten.
Zer arazo?
Hemen dagoen handiena ur gehiegia da. Tuteran lanean ari bagara urari eustea garrantzitsua izango da, baina teknika bera Bermeon erabiltzen badugu seguruenik landare guztiak ustelduko zaizkigu.
Urez aseegi, nolabait esateko?
Hori baino, kontua da gehiegizko hezetasun horrek ekartzen dituen gaitz gehienak onddoak direla. Onddoak hezetasuna eta giro epela dagoen tokietan garatzen dira, hau paradisua da haientzat. Beraz, behar genuen liburu bat, tira, ez derrigorrez liburua, baina bai nolabait informazioa biltzea eta prestatzea hemengo pentsamoldearen arabera. Eta pauso hori eman dugu. Uste dut garrantzitsua dela hori jakitea: Bizi Baratzea hemengo baldintzetara egokitzeko pentsatutako liburua da.
Euskal isurialde atlantikoari begirakoa da liburua, hortaz.
Ia erabat. Hegoalderako ere balio du, eta landarez landareko atalean saiatu naiz bi aldeak lotzen. Baina zaila da. Garrantzitsuena da ohartzea liburuak oso oinarrizko informazioa ematen duela, eta norberak egokitu behar duela. Baina ez isurialde batetik bestera bakarrik. Isurialde berean ere ez da berdin Bermeon lan egitea edo Markinan. Gehiago esango nuke: herri bereko bi lekutan badauzkagu bi baratze, batetik bestera egoera alda daiteke. Uste dut liburuaren sarreran esaten dudan lehen gauzetakoa dela: liburua bera baino garrantzitsuagoa da, baratzean hasi behar dugunean, kaier bat eta arkatz bat izatea. Eta gertatzen den eta egiten dugun guztia jasotzea, idaztea. Bizpahiru urtean ikaragarrizko informazioa izango dugu.
Baratze bakoitza mundu bat dela, alegia.
Eta baratzezain bakoitza ere bai. Elkarri lagundu ahal badiogu, eta lur bakoitzaren historia jaso... Uste dut liburu hau bidaia baten hasiera dela, iruditzen zait gaur egungo baliabide teknologikoek ematen dizkiguten erraztasunak aprobetxatu beharko genituzkeela euskal baratzezainen halako unibertso berri bat sortzeko. Eta unibertso horretan norberak bildutako jakintza partekatzeko.
Hasieran aipatu duzun baratzera itzultzeko grina hori, zerk sortu du?
Krisiak zeresan handia dauka; gure jendartearen krisi guztiek, esango nuke. Ekonomikoak, jendarte ereduaren krisiak –jendea bakartuta bizi da–, jende asko gaixo egoteak, ez agian medikuak baja emateko moduan, baina bai psikologikoki, emozionalki... Hori dena elkartuta, baratzearekiko grina hau hozitzen da. Gainera, gaur egun modernoa da baratzean aritzea, udalek lurrak jartzen dituzte, baratze komunitarioak sortzen ari dira, kontsumo taldeak garrantzia hartzen ari dira... Tokian tokikoa izateak eransten duen kalitateari, ekologikoari, kutsadura gutxi sortzeari... gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio.
Liburuak huts-hutsetik hasteko balio du.
Bai, ezer ez dakien kaletar petoenarentzat balio du. Nahi nuke liburu honek balio izatea ezer ez dakienari baratzea izateko gogoa pizteko, eta bestetik, baratzean ari den horren jakintza zabaltzeko, beste gauza batzuk, beste era batera, egiteko. Zergatik ez ditugu zainzuriak egingo Altzan?
Batzuek diote Argiako Landareak sailak eduki zezakeela beste izenen bat, landareen aitzakiarekin edozertaz hitz egiten duzu eta. Ez beti landareez.
Beti hitz egiten dut landareez. Dena da landare. Den-dena, ezagutzen dugun guztia, lore batetik dator. Lorerik gabe ez litzateke ezer existituko. Lorea etengabe gurtu beharko genuke. Orduan, edozein gauzaz ari garela landareez hitz egiten ari gara. Nik alderantzizko jokoa egiten dut: landareetatik abiatuta edozertaz hitz egin. Nire gai gustukoena etnobotanika da; hau da, landareek jendartearen historian, garapenean, kulturan... daukaten garrantzia. Artikuluetan pertsonez hitz egiten dut beti, baina gure inguruaz eta gertatzen zaigun guztiaz hain ikuspegi antropozentrikoa daukagu, benetako gauzez ahaztu egiten baikara. Eta ni saiatzen naiz hor atzean dagoen landaretxo hori gogorarazten.
Horregatik diozu Bizi Baratzea-ren hasieran landareak badirela nor.
Noski. Pertsonak baino lehenago dira nor, izan ere. Guk zenbat milioi urte daramagu hemen? Pare bat, gehienez? Gure hizkuntzak zenbat mila urte daramatza hemen? Aldiz, berriki artikulu batean aipatu ditudan azeribuztanak orain dela 300 milioi urteko baso garrantzitsuenak ziren. 300 milioi urte! Eta hemen daude. Landareak badira nor, dudarik gabe, eta liburuaren lehenengo esaldia, ezertan hasi aurretik esaten dudana, horixe da. Barazkiez banan-banan hitz egiten dudan atalean, baratzeak ondo funtzionatzeko oso garrantzitsua den zerbait esplikatzen dut: zein zeinen aldamenean jartzea komeni den. "Nor norekin" da atal horren izena. Hizkuntzaren inguruan lan egiten duen lagun handi batek, irakurri zuenean, esan zidan: hemen, teorian, "zer zerekin" jarri beharko zenuke, eta ez "nor norekin". Ni sutan jarri nintzen. Nola? Nor, gu baino lehenago dira! Zer izango ginateke gu landarerik gabe? | news |
argia-f6bfc191db57 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/kulturaniztasuna.html | Diskriminaziorik gabeko Gasteiz ospakizun | Mikel Garcia Idiakez | 2015-04-26 00:00:00 | Diskriminaziorik gabeko Gasteiz ospakizun
Helburua lortu du Gora Gasteiz ekimenak: interes alderdikoiek bultzatuta mezu xenofobo eta arrazistak zabaltzen ari zirela-eta, diskriminaziorik gabeko hiria aldarrikatzeko jaio zen, joan den azaroan. Apirilaren 18an bukatu du bere ibilbidea, gasteiztarren atxikimendu handiak babestuta.
Prestazio sozialak jasotzen dituztenei buruz Javier Maroto Gasteizko alkateak esandakoen ostean, eskubide eta aukera berdintasunaren defentsan sortu zen Gora Gasteiz, eta lau hilabete hauetan xedea soberan bete dutela adierazi dute arduradunek, kolektibo eta lagun askok aldarrikapenarekin bat egin baitu, eta bide horretan hiri ireki eta plurala diseinatzen ari direla baitiote, bizikidetza oinarri.
"Gorrotoari gorrotoarekin erantzun geniezaiokeen. Baina gizarte honek ez duela merezi erabaki genuen. Ez du merezi gatazkarik, tentsiorik, eraso eta defentsaren dinamikarik. Eta zuri eta beltzari koloreen bidez egin diogu aurre, gatazkari elkartasunez, uniformizazioari aniztasunez, eskubideen murrizketari eskubide gehiago eskatuz, irainari musikaz", azaldu dute hainbat kidek.
Jai erraldoia, aniztasunaren alde
Apirilaren 18ko jaiak eman dio amaiera jardunari: aniztasunaren eta eskubide sozialen alde, milaka lagunek egin zuten bat egun osoko festan. Gizarte mugimenduen txokoa, haur jolasak, musika, dantza… izan ziren, eta eguerdiko kalejirak "Gora Gasteiz! Stop Arrazakeria!" izan zuen lelo nagusia. Azken hilabeteetan gertaturiko "erabateko arduragabekeria" horren aurrean, "auzo-lotsa sortzen duten bakoitzean, gasteiztar harrotasunez erantzungo dugu, elkarrekin, indarrez eta kolorez!", nabarmendu zuten antolatzaileek.
Aurpegi ezagunek babestuta
Asko dira mugimenduarekin bat egin duten herritarrak. Tartean, izen ezagun ugari: Bernardo Atxaga, Iñaki Iriondo, Irati Anda, Karmele Jaio, Karra Elejalde, Katixa Agirre, Mikel Urdangarin, Oihane Perea, Igor Gonzalez de Galdeano, Izaskun Moyua, Unax Ugalde, Iban Zaldua eta kultur, kirol zein gizarte alorretako beste hainbat lagun. | news |
argia-1d3631486e27 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/zergatik-da-ona-zuntza-jatea.html | Zergatik da ona zuntza jatea? | Jabier Agirre | 2015-04-26 00:00:00 | Zergatik da ona zuntza jatea?
Gauza jakina da zuntz dietetikoak ez digula bitaminarik ez mineralik ematen, baina, hala ere, ezinbestekoa da gure nutrizioan, tumoreak prebenitzen, pisua zaintzen eta idorreria saihesten laguntzen digulako.
Zuntz dietetikoa ez da gure gorputzean digeritzen, ezta xurgatzen ere, baina osasun onerako ezinbestekoa da, 60ko hamarkadatik ondotxo dakigun bezala. Garai hartan ikusi zen Hirugarren Munduan ez zirela ikusi ere egiten gizarte garatuetan oso ohikoak diren gaixotasunetako batzuk, herrialde horietako dietak zuntz ugari duelako; mendebaldeko herrialde aberatsetan, aldiz, azukre eta karbohidrato konplexu gehiegi kontsumitzen dira.
Zuntzaren jatorria begetala da beti; haren pektinak edo muzilagoak uretan disolbagarriak diren ala ez, halakoak izango dira zuntzaren ezaugarriak:
- Zuntz disolbaezina. Hesteetako iragapena errazten du, digestioa egin bitartean ura "harrapatu" eta janari-boloa gelatina moduko zerbait bihurtzen baitu. Era horretako zuntza zereal integraletan (oloa, garagarra, eta abar.) aurkitzen da, baita fruta eta barazkietan ere. Zuntz mota hau da idorreriari aurre hartzeko baliagarriena.
- Zuntz disolbagarria. Heste-mugimenduak erregulatzeaz gain, hainbat gaixotasun izateko arriskua gutxitzen du. Gainera, urdailera iristan puztu egiten da, eta horrek asetasun-sentsazioa luzatzen du. Gari-zahia, lekaleak, frutak –zitrikoak batez ere–, fruitu lehorrak eta barazkiak dira zuntz disolbagarriaren iturri nagusiak. Gorputz barruan pilatutako mukia modu naturalean desegin eta kanporatzen du.
Mesede handiak
AEBetan egindako ikerketa baten arabera, zuntzez aberatsak diren janariek zelulekin "talka" egiten dute digestio-aparatuaren barrenako bidaian, eta haien egitura egoera onean mantentzen duen gai lubrifikatzaile bat askatzen dute. Mekanismo horri esker, zuntzak hainbat mesede egiten dio gure gorputzari:
- Kolesterola gutxitzen du. Urdailean dauden azidoekin eta kolesterolarekin elkartzen da zuntza, eta horrela hesteak koipe gutxiago xurgatuko ditu.
- Odoleko azukrea hobeto kontrolatzen da, karbohidratoak mantsoago xurgatzen direlako. Horregatik, diabetikoen jan-neurrian zuntz ugari egotea gomendatzen da.
- Zenbait tumore prebenitzen ditu, minbiziaren aitzindaritzat hartzen diren heste lodiko polipoak, esaterako. Heste lodiko eta ondesteko minbizia izateko probabilitateak asko murrizten dira jan-neurrian zuntza ugaritzen den heinean.
- Hipertentsioa izateko arriskua murrizten du. Horregatik barazkiak maiz hartzea gomendatzen da, tentsioa kontrolatzeko ezinbestekoak diren hiru mantenugai (zuntza, magnesioa eta potasioa) ematen dizkigutelako. | news |
argia-a21d781ed53a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/zifra-iraingarriak.html | Zifra iraingarriak | Juan Mari Arregi | 2015-04-26 00:00:00 | Zifra iraingarriak
Urtero, Stockholmeko Bakearen Ikerkuntzarako Institutuak munduko gastu militarrari buruzko datuak eguneratzen ditu. Munduan dagoen gosearen zifrekin konparatuz gero, eskandalagarria izatetik iraingarri izatera igarotzen da armetan gastatutako dirua, batez ere gosea jasaten duen gizateriaren zati horrentzat. Ikus dezagun.
2014an munduko gastu militarra 1,8 bilioi dolarrekoa izan zen. Munduak armamentuan 249 dolar gastatu zituen planeta honetako biztanle bakoitzeko. AEBek 581.000 milioi dolar bideratu zituzten, Txinak 129.000 eta Errusiak 70.000 milioi dolar. Horiek dira rankingaren podiumean daudenak. Espainiako Estatuaren gastu militarra ere ez da nolanahikoa izan iaz: 15.000 milioi dolar. Azkeneko honetan biztanleko 368 euro erabili dira, gastu farmazeutikoa aldiz 260 eurora ez da iritsi.
Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) arabera, munduan 805 milioi pertsona daude goseak. 2008an FAOren goi-bilera batean esan zen sei urtez 30.000 milioi dolar inbertituz gero –orotara 180.000 milioi dolar– munduko gosearen larriena konponduko litzatekeela. Orduan, norbaitek gogorarazi zuen AEBetako argaltze-tratamendurako merkatuak soilik 33.000 milioi dolar mugitzen dituela. Estatubatuarrek urtero 30.000 milioi dolar gastatzen dituzte euren maskotei (zakurrak, katuak…) jatena emateko. Goi-bilera hartan, herrialde aberatsek hitz eman zuten 12.000 milioi dolar bideratuko zituztela laguntzetan, eskatutakoaren herena. Baina 1.000 milioi baino ez zituzten egiaz entregatu. Urte bereko azaroan herrialde horietako burtsak eta bankuak hondoratu ziren, eta euren gobernuak goseak daudenez ahaztu ziren betiko. Hilabete gutxiren buruan, aldiz, bankuak salbatzeko 3 bilioi dolar erabili zituzten.
2001ean 3.000 pertsona hil ziren New Yorken atentatu baten ondorioz. Egun berean, mundu osoan 25.000 pertsona hil ziren gosez, eta hurrengoan beste hainbeste, eta horrela egunero. Atentatua munduaren erdigunean izan zenez, jendartea mobilizatu zen eta erantzuleak pertsegitu ziren. Goseak, hildako askoz gehiago eragiten duen arren, ez du mobilizaziorik sorrarazten, eta jakina, ez dira pertsegitzen haren erantzuleak, izango ez balitu bezala. Desberdintasunaren gizartean bizi gara. | news |
argia-a0c573698632 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/pertsona-helburu-eta-aht-kontrajarrita.html | Pertsona helburu eta AHT kontrajarrita | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2015-04-26 00:00:00 | Pertsona helburu eta AHT kontrajarrita
Maiz entzuten dugu gure Jaurlaritzak "pertsona(k) helburu" dituela eta horrek izan behar luke edozein gobernuren xedea. Baina tamalez, berehala ohartuko gara errealitateak gezurtatu egiten duela. Bestela ikusi noren aldekoak diren Espainiako Gobernuaren erabakiak: aberatsak gehiago aberasteko, egunetik egunera txiro eta aberatsen arteko alde ekonomikoak areagotzen ari baitira; berdin esan dezakegu EBko Batzordeak multinazionalak sustatzeko AEBetako ordezkariekin negoziatzen ari den hitzarmenaz.
Eusko Jaurlaritzaren eslogan hori gezurtatzeko arrazoi bat ditxosozko AHT dugu. Izan ere, berriki argitaratu du FEDEAk ikerketa bat AHTri buruzkoa eta datuak susmatzen genuen bezalatsukoak dira. Laburbilduta, Espainiako Estatuko AHTko ibilbide guztiak defizitarioak dira: ustiapen sarrerek inon ez dituzte estaltzen kostu orokorrak. Eta FEDEA ez da ekologisten antolakundea, baizik Banco de Españak eta hamabi espainiar enpresa erraldoik osatutako fundazioa.
Bertan diote AHT errentagarri izateko urteko 8 milioi bidaiari behar direla eta ibilbideak 500 kilometro inguru. Espainiako Estatuan Bartzelona Madrilekin lotzen duena errentagarriena den arren, halere, inbertitutako euro bakoitzak 0,46 euro sortuko ditu, nahiz 6 milioi erabiltzaile izan. Sevilla Madrilekin lotzen duen ibilbidean inbertitutako euro bakoitzak 0,11 euro sortzen ditu. Beraz, ustiapen zorrak zergadunoi egotziko zaizkigu. Kontuan izan Madrilgo probintziak 6,5 milioi biztanle dituela, Bartzelonakoak 5,5 milioi eta Sevillakoak 2. EAEk, berriz, 2,2 erabiltzaile potentzial ditu. Gure AHT errentagarria izateko ez dakit nondik aterako duten 8 milioi erabiltzaile.
Halaber, azpimarratu behar da munduan AHTren hiru ibilbide bakarrik direla errentagarri: Frantziako Estatuan Lyon-Paris, Tokio-Osaka Japonian, eta Txinan Jian-Quingdao. Haatik, ez da harritzekoa herrialde aurreratuek AHTrik ez edukitzea, eskandinaviarrek bezala, edo oso kilometro gutxi, Herbehereek, Suitzak edo Alemaniak legez. Frantziarrek eta britaniarrek zalantzak dituzte bide berriak eraikitzeko. Espainiako Estatua, bien bitartean, biztanleko kilometro gehien duen herrialdea da, eta mugarik ez berriak egiteko.
Ondorio ekonomikoei buruz, industriaren gain ez du aparteko eraginik, bai ordea zerbitzuen gain, horiek gehienak Madrilen kokatuko liratekeelako handik kualifikazio handieneko zerbitzuak eskaintzeko. Ez da ahaztu behar Espainiako agintari zentralisten xede nagusietako bat estatuko ardatz oro Madriletik pasatzea dela. Oro har, deszentralizaziorik ere ez luke sustatuko tren garesti horrek.
AHTk badu beste ondorio bat. Izan ere, inbertsio horien bidez errentaren banaketa gauzatzen da. Enpresariak eta diru-sarrera altuko pertsonak dira gehien erabiltzen dutenak, eta bien bitartean tren arruntak errenta apaleko pertsonentzat dira. Halaber, tren mota horientzat aurrekontu murritzagoak izango dira eta zerbitzu kaskarragoak eskaini. Gainera, erabiltzaile horien errentaren zati bat, zergen bidez, AHTren zorrak finantzatzeko esleituko da.
Zeregin badago, erdi egina daukagun azpiegitura erraldoi eta defizitario horrekin. Alde batetik, gure agintariei hankak lurraren gainean ipinarazi eta gero, ahal den heinean, EAEko herriak hobekiago komunikatzeko erabili, hori izango baita "pertsona(k) helburu" aintzakotzat hartzea, ez ordea norbanako batzuen patrikak betetzea. | news |
argia-83b13ec9d7a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/etsipenez-eta-amorruz.html | Etsipenez eta amorruz | Jon Alonso | 2015-04-26 00:00:00 | Etsipenez eta amorruz
Público egunkari digitalean irakurria: Guardia Zibileko zuzendaria Guerrilleros de Cristo Rey taldekoa izan omen zen, Ferrolen, 70eko hamarkadan. Hainbat lekukok salatzen dute artikuluan, izen-deiturekin salatu ere. Garai horiek ezagutu genituenontzat, salaketa guztiz sinesgarria da; gutako askok antzeko lekukotasunak emango lituzke hemen bertan kate, palo eta inoiz pistolaren batekin ibiltzen ziren talde ultraeskuindar horiei buruz. Berdin azalduko genuke nola agertzen ziren manifestazioetan edo ekitaldi publikoetan, kolpeak banatuz eta jendea beldurtuz. Edo nola egiten zieten eraso pertsona bakartuei, esbastikak militanteen larruan labanaz eginda. Edo nola suntsitzen zituzten (eta dituzten!) gustuko ez duten ideologia politikoaren aldeko monumentu, agerpen, edo sinboloak oro.
Berdin azalduko genuke sekula ezin zela ezer frogatu, ezin izan zela ezer egin haien aurka, zigorgabetasun osoz ari baitziren; Estatuaren indar errepresiboen babes osoarekin ari zirelako, jakina.
Orain irakurtzen dut Públicok ematen duen berria eta tristura alimale batek bereganatzen nau. Ez, ez da anekdota bat. Ez, ez da kasualitate bat. Denok dakigu zer den, izendatzen ausartu ohi ez bagara ere.
Urteak joan, urteak etorri, iraultza teknologiko oso bat gertatu da, aldatu dira gauza denen eta gu denon itxurak, estatu berrien sorrerak mapak itxuraldatu ditu, indar-harreman bestelakotuetatik nazioartean hitzarmen berriak jaio dira… baina faxismo espainiarrak hor dirau, estatuaren muinari atxikia, goroldioa harriari legez.
Eta hau dena diot atzoko Berria egunkariak ekarri zuen albisteak barren-barrenetik ukitu ninduelako: Joan Mari Torrealdai, zerbait bada guretzat, duintasun eta zintzotasun intelektualaren ikurra da. Ohiko interes material pertsonalen gainetik ari denari zor zaion autoritate moralaz jantzitako erreferente bat.
To, zer diren gure erreferente moralak torturatzaile batentzat: erregela batekin nahi erara zirikatzen ahal dituen testikulu bi.
Eta antza denez, berrogei urte geroago, inork ezin dio horri erremediorik jarri. "Agenda politikoan" beste gauza batzuek dute "lehentasuna". | news |
argia-e6930f0baffe | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/ignacio-montoya-carlotto-argentinako-haur-lapurtua.html | "Nire kasua azaleratu zenean, argentinarrek garaipentzat hartu zuten" | Koldo Azkune | 2015-04-26 00:00:00 | "Nire kasua azaleratu zenean, argentinarrek garaipentzat hartu zuten"
Adoptatua zela ezagutu eta probak egitea erabaki zuenean, Ignaciok ezin zuen imajinatu azterketa genetikoak ekarriko zuen kalapita. Olavarriako (Argentina) nekazari familia xume baten altzoan hazitako piano jole hura Laura Estela de Carlotto eta Walmir Oscar Montoyaren semea zen, Maiatzeko Plazako Amonen elkarteko zuzendariaren biloba.
1978ko Argentinako futbol mundiala amaitu berria zela, militarrek preso zeukaten ama exekutatu baino lehen, besoetatik haur jaioberria lapurtu eta beste familia bati eman zioten. Ama bost orduz izan zen Guido izeneko semearekin. Estela de Carlottok ia lau hamarkada luze behar izan ditu bere alabak erditu zuen umea aurkitzeko. Ignacio Montoya Carlotto nortasuna berreskuratu duten 116 pertsonetako bat da.
Hilabete hauek nola bizi izan dituzu, pertsonaia anonimoa izatetik denen ahotan egotera pasa eta gero?
Bizirik atera naiz, hori da hain justu azken hilabete hauen laburpena. Bizitza berri bati nola heldu ikasi behar izan dut. Dena hain azkar aldatuz doanean zaila da aurreko bizimoduari eustea, eta ikasketa horretan zure bizitza pribatu eta publikoa bereizten ikasi behar duzu. Jendea zuri begira dagoela ikasi behar duzu. Familia berriarekin harremanetan jartzeko orduan ere, ikasi egin behar duzu. Hilabete eskas hauetan urteak iraun ditzakeen prozesu bat bizitzea egokitu zait.
Eman behar ez zenituen azalpenak ematera derrigortu zaituzte?
Hori beste ikasketa bat izan da, zer erantzun eman behar diren eta nori eman behar zaizkion. Esaterako, laster eskuratuko dudan nortasun agiri berrian ez dut "Guido" izena paratuko. Ignacio jarriko dut, nire guraso biologikoen bi abizenekin, Montoya eta Carlotto. Bada, Guido izena erabili ez izanak nire familiakoak ez diren batzuen ezadostasuna sorrarazi du. Eman beharko ez nituzkeen azalpenak eskatzen dizkidate.
Gertatu zenaren oihartzuna apaltzen ari delakoan zaude?
Ez dakit ba. Orain, gertatutakoaren tamainaz jabetzen hasia naiz. Hiruzpalau hilabetetan dena amaituta egongo zela, karriketan ezezaguna izaten jarraituko nuela pentsatzen nuen; eta ez da bete, inondik inora. Estela de Carlottoren bilobarena ezagutzerakoan negar egin zuela esaten didatenekin topo egiten dut, edo telebistetan nire irudiak bota zituztenean ez dakit non zeudela zehazten didatenekin... Eta nik berria zabaldu zenetik hartu nuen abiadura berean jarraitzen dut.
Hilabete hauek pasa eta gero, gaizki deritzozu Servini epaileak zure izena anonimatuan mantendu ez izanari?
Informazioa isilean gordetzera behartua zegoen. Gurasoena ikertzeari ekin nionean, konfidentzialtasun kontratu bat sinarazi zidaten. Baina berria hain izan zen indartsua, inplikaturikook beroan erreakzionatu baikenuen, epaileak barne. Eta ez dut uste borondate txarrez egin zuenik. Oso hunkituta zegoen, eta nire izena nahi gabe bota zuen. Lehen momentuan arazo handia ekarri zidan, baina aldi berean etapa ugari gainditzen lagundu zidan. Beste modu batez gertatu izan balitz, astebetean gertatu zena gainditzeko hilabeteak beharko nituen.
Zure nortasunaren berri izan eta gero, nola suertatu ziren lehenengo asteak?
Ikaragarriak izan ziren. Lehenik ihesean ibili nintzen, ezkutatuta, kazetariengandik urrun. Ezin nuen telebista piztu, kanal guztietan nire aurpegia ageri baitzen. Lehenengo aste horrekin Hollywoodeko pelikula bat egiteko material aski legoke.
Halere, Estela de Carlottorekin batera eman zenuen aurkezpen-prentsaurrekoan, itxura lasai eta irritsua erakutsi zenuen.
Berria unerik egokienean iritsi zitzaidan. Urte batzuk lehenago iritsi izan balitzait, ez dakit nola hartuko nukeen. 36 urterekin harrapatu ninduen, nire lanbidea daukat, bikotekidea... Bestetik, prentsaurrekoa eman baino lehen egia esango nuela erabakita nuen. Eta egia esaten baldin baduzu, ezin duzu hutsik egin. Horrexegatik, trankil nengoen. Asuntoak hartu zuen abiadurak, gainera, ez zidan gaiarekin gora eta behera ibiltzeko betarik eman. Erabakiak ti-ta hartzen dituzunean intuizioaz baliatu behar izaten duzu, eta intuizioek batzuetan bete-betean asmatzen dute.
Suposatzekoa da jasan behar izan duzun presio psikologikoa oso gogorra izan dela. Adopziozko gurasoek zure iragana hasieratik jakin eta ezkutatu izan balizute, ez zen zuretzat errazago izango? Familia batekin moztu eta beste familia berri batekin hastea, alegia?
Ez dakit. Izan ere, hasieran gurasoen aferak iritzi publikoa zatitu baitzuen. Batzuek nire adopziozko gurasoen kontra jo zuten, eta haurraren lapurretaren ardura leporatu zieten. Nik neuk buruan kontraesanak eduki nituen. Baina orain oso argi daukat ez nindutela lapurtu, eta nire adopziozko gurasoak ere biktimak izan direla, biktima bikoitzak.
Argentinak gainditu al du memoria historikoaren debatea?
Notizia lau haizetara hedatu zenetik, protagonistok sentsazio onak bizi izan ditugu. Gizartearen harrera oso positiboa izan da: eskuineko alderdietako jendea hurbildu zaigu, jatorri ezberdinekoa.... Inoiz, sare sozialen anonimatuan hiruzpalau zoro ezkutatzen dira eta gure kontra sekulakoak botatzen dituzte. Argentinako gizartearen zati esanguratsu bat ordezkatzen dutela iduri dezake, baina ez da horrela. Tamalez, egia da batzuetan debatea politizatu egiten dela. Ezin da ukatu Kirchner familiaren bi gobernuek giza eskubideak gobernu politikaren ardatz egin dituztela, baina giza eskubideak edozein zatiketa politikoren gainetik daude.
Argentina eredu ona izan daiteke 1936ko Gerra Zibilaren sarraskiak lantzeko?
Berriki jakin izan dut errepide bazterretan gorpuak lurperatuta dituzuela. Egia esan, ez dakit gure adibidea eredugarria ote den. Alabaina, memoriaren eta giza eskubideen politikak oso indartsuak dira hemen, herritarrengan eragin sakona izan dute. Nire kasua azaleratu zenean, gizarteak garaipentzat hartu zuen. Argentinarrak harro gaude, memoriaren afera nola maneiatu dugun ikusita. Ez dugu orain 30 urte sufritu genuena errepikatzerik nahi.
Politikan parte hartzeko gonbitea egin al dizute?
Nire jarrera oso argi utzi dut hasieratik eta ez dira gehiegi saiatu. Nirea musikaren alorra da eta hori da mundua aldatzeko erabiltzen dudan tresna.
Nekazarien artean hazi zinen. Aita peoia zenuen. Musikari izatearena nondik datorkizu?
Nik ere gogoeta hori egiten nuen. Nekazaritzari lotutako lanbideren batean amaitu beharrean, alor artistikoa aukeratu nuen. Orain, nire guraso biologikoak eta familia berriak ezagututa, interesa hortik etor daitekeela pentsatzen dut.
Zure iragana ezagutu baino lehen Para la Memoria kantua idatzi zenuen.
Kantu honek gerora etorriko zena iragarri zuen. Hirugarren pertsonan idatzi nuen, baina lehenengo pertsonan sentituz, niri gertatzen ari zitzaidan zerbait izango balitz bezala. Horrek zer pentsatua eman dit. Oso kantu berezia da eta egun hauetako soinu-banda bilakatu da kasik. Niretzat oso kantu garrantzitsua da; baina kanturik baliogarriena etorriko dena da, eta ez egina dagoena.
Ideologiari erreparatuta, zertan da ezberdin lehengo eta oraingo Ignacio?
Egiazki, ez dakit sobera aldatu naizen. Nire familiak balio xume eta soilak irakatsi zizkidan: egia, zintzotasuna, lana, eta ezer gutxi gehiago. Eta ondoren etorri zaizkidan ideologia gehienak balio horiei lotuta daude. Adopziozko gurasoengatik jaso nuen hezkuntza nire guraso biologikoek eman ahal izango zidatenaren gisakoa da, bide berean jarri ninduten. Horri esker, tokatu zaidanari lasaiago egin diot aurre. Nire familia berriaren ideologia eta nirea berdinak dira, eta hori zerbait magikoa bada.
Eta Estela de Carlottori buruz zenuen iritzia aldatu al da?
Nik Estela de Carlotto ikusten nuenean zera pentsatzen nuen: borrokalari bat da, eredugarria, diskurtso bateratzailea darabilena, gizalegez eta maitasunez bere bilobaren bila dabilen emakumea. Bada, emakume hori, honezkero ez da Estela de Carlotto anderea, amona Estela baizik. Eta berarekin irri egiten dut, txantxetan ibiltzen naiz, hitz egiten dugu, bidaiatu, ikasi...
Eta Hortensia, zure aitaren ama?
Hortensia amonak 92 urte ditu, eta traktore bat da! Ez da Estela bezain ospetsua, baina Argentinako hegoaldean asko estimatu izan diote irakaskuntzaren alde eginiko lana. Zoratzeko modukoa da, oso arraroa, bi amona hain indartsu edukitzea ere! | news |
argia-7b327922b8d6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/miren-etxezarreta.html | "Mundua ez dugu bozkatuz aldatuko" | Sustrai Colina | 2015-04-26 00:00:00 | "Mundua ez dugu bozkatuz aldatuko"
"Harridura ikur gehiegi... Eta nahikorik ez".
"Amatxo, gu zer gara, pobreak ala aberatsak?", galdetu du haurrak.
Sistema kapitalista ez da dorpea, gertatzen den oro naturala, berezkoa dela sinetsarazteko gaitasuna du. "Horixe da dagoena", "zer egingo zaio", "ez dago besterik"... Nola izango da naturala pobreak eta aberatsak egotea? Zein zuhaitzetatik sortzen dira oso pobreak eta oso aberatsak? Hori normaltzat jotzea da kapitalismoaren garaipenik handiena. Izan ere, estralurtar bat Seat enpresan sartu eta 7.000 langile, agindutakoa bete beste zeresanik gabe, bost nagusiren zerbitzura jo eta su ikusiko balitu, "zer gertatzen da hemen?" harrituko litzateke. Bibliak ere argi eta garbi dio pobreek elkar lagundu behar dutela, ez aberatsek. Izugarria da hitzen pisua, lengoaiaren indarra. Orain, esaterako, ez da pobreez hitz egiten, bazterketa arriskuan edo pobreziaren mugan dagoen jendeaz baizik. Zer esan nahi du horrek? Jendea pobrea da edo ez da. Gero eta nabarmenagoa dena makilatzeko balio dute hitzek, sistemari isilik komeni zaizkion alarmak ez pizteko. Kontzeptu ponpoxo eta konplexuak gaia "adituen" esku uzteko gonbidapenak dira, debateak estaltzeko, ezberdintasun ideologikoen talkak itotzeko. Kapitalismoa ustiapen ekonomikoa baino gehiago da, bere behar eta premien arabera errealitatea optimizatzen duen balore sistema oso bat.
Alabaina, posible da krisirik gabeko kapitalismoa?
Kapitalismoaren ADNan daude krisiaren erroak. Pertsonoi heriotzarekin gertatzen zaiguna gertatzen zaio kapitalismoari krisiarekin: nahiago luke saihestu baina ezin du. Hala, krisiei etekina ateratzen ikasi du, bere burua garbituz, aberatsenen posizioa indartuz, eta batez ere, jendartea beldurtuz. Azken urteetan krisiak justifikaturik onartu diren neurri guztiak irentsi ezinak lirateke oparotasun aro batean. Murrizketak, ongizatearen deuseztatzea, lan-baldintzen okertzea... Kapitalismoaren mekanika are gehiago olioztatzea baizik ez da. Sistemaren helburua ez da pertsonak salbatzea, kapitalak dirua irabaztea baizik. Horregatik salbatzen dira bankuak eta ez etxegabetuak. Hori bai, finantza sistemaren bururik gabe ez dagoenez finantza sistemarik, nagusi handiak salbatu dituzte, ez finantza sistema.
Gorbata nola, soka lepoan lotzen digutenean, "guk ez genuen nahi baina Europar Batasunak behartu gaitu" diote goi-agintariaren begi errukituek.
Europar Batasuna da sistemaren lemazaina. Kapitalismoaren aro neoliberala erabat bere egin zuenetik gure eguneroko bizitzetan neoliberalismoa errotzen dihardu. Horri egungo gobernu gehien-gehienak neoliberalak direla gehitzen badiozu... Ingalaterrako film klasikoetakoa ari da gertatzen: maiordomoak jauntxoak baino askoz kontserbadoreagoak eta erreakzionarioagoak dira. Zergatik hitz egiten da, bestela, hainbeste krisitik ateratzeaz eta hain gutxi sistematik irteteaz? Zenbat kasu gehiago lehertu behar dira kapitalismoa eta ustelkeria esku bereko hatzak direla ohartzeko? Gero eta gutxiengo ugariagoak daude asaldatuta, baina ez dago gehiengoaren sumindurarik. Krisitik ateratzeko fedea, orain urte batzuk geundenera itzultzeko itxaropena eta sistemaren etengabeko legitimazioa dira nagusi. Gure kautako beldurra orekatzeko edo egonkortzeko ahalegina atzematen dutelako saltzen digute errukia goi-agintariaren begiek. Begirada horretan beti dago gauzak okerragoak izan daitezkeen mehatxua.
Egin diezaiogun sistemari mehatxu: kapitalismoak badu alternatibarik?
Bai, baina epe luzera. Gizakiak bere zortea aldatzeko aukera beti duela eta alternatibak behetik gorakoa behar duela ez ahanztea dira gakoak. Oso ohituta gaude gure zortea goitik beherako kudeaketa modu eta proposamenen esku uzten. Ez gaitezen engaina, irtenbideak ez dira alderdietatik etorriko, mundua ez dugu bozkatuz aldatuko. Bizitza ezberdin planteatzen ari diren multzo ttipietatik dator indarra, autonomia eremuetatik. Multzo horiek zaindu, hedatu eta batez ere, koordinatzean datza alternatibaren sekretua. Politika egiteko eskema zaharrak puskatzen gabiltza. Jende gaztea ez dago jada bere alderdiko liderrak zer esango zain inguruko injustiziei erantzuteko. Niretzat zerumuga ez dago goi-esferetan, oinarrian baizik. Balore eraldaketa bete-betean gaude, han-hemenkako haziak gero eta nabarmenagoak dira, gero eta jende gehiago jabetzen da daukagunak ez duela balio.
Alderdi politikoak ere jabetu dira?
Bai, baina euren biziraupena da jokoan dagoena, eta hilko dela dakienak ere ez du hil nahi izaten. Beti da delikatua zure burua hiltzea berriz sortzeko aukerarik izango duzun jakin gabe. Horregatik saiatzen dira euren bizia luzatzen, hauteskundeak irabazten, legegintzaldiari ahal bezala eusten, mirari bat gertatu eta euren zoria aldatuko delakoan. Arazoa da urteak daramatzatela aldatu beharra, haize berrien premia eta bestelako ereduak aldarrikatzen, urrats bakar bat eman gabe. Are gehiago, mugimendu sozialetara eurak gerturatu eta txertatu beharrean, mugimendu sozialek eurengana jotzea nahi dute. Euren iraganaren morroi direlako doaz gainbehera. Ikusi besterik ez dago Syrizak edo Podemosek sortu duten olatua eta sistemaren luze-zabaletik banatu zaien egurra.
Erakundeetatik politika alternatiboak egin daitezke?
Sistema antolatuta dagoen bezala, oso zaila iruditzen zait, ia ezinezkoa. Begira zer gertatzen ari den Grezian. Sistema politiko eta ekonomiko kapitalistaren baitako demokrazia batean gobernu aldaketa gertatu da, baina aldaketa usaindu orduko hasi ziren botere internazionalak mehatxuka, eta emaitzak jakitearekin bat jo dute frontera, indarraren arrazoia inposatzera, Europar Batasuna buru duten tropa neoliberalek. Espero izatekoa zen arren, izugarria da Europar Batasunaren jarrera. Garbi utzi dute hemen ez dela deus aldatuko, ez dela inor arrastotik kanpo mugituko. Kapitalismoak gero eta kontraesan handiagoak ditu, gero eta gehiago kostatzen zaio bere helburuak betetzea, eta ondorioz, ez dago herritarrei ezer oparitzeko moduan. Nahiko balu ere, ezingo luke eskuzabala izan. Berak sortu dituen egoerek eta baldintzek behartzen dute kapitalismoa geroz eta lehiakortasun basatiagora. Horregatik ez dut irudikatzen sistemaren baitatik sortu daitekeen alternatibarik. Ez dut uste 1950-1960ko hamarkaden espiritura itzuliko garenik inoiz. Hemendik aurrera, sistemaren baitako politika ekonomiko bat nekez izango da jendartearen interesen aldekoa.
…
Har dezagun jabetza pribatua. Ekoizpen medioen jabetza pribatua deno ezingo da ezer konpondu, gutxi batzuen menean segituko dute askotariko gehiengoek. Zergatik uste duzu sistema kapitalistak jabetza pribatuaren metaketa baizik ez duela nahi? Hori kolokan jartzen ez duguno, jai daukagu. Hori, ordea, jendeari ez zaio burutik pasa ere egiten. Horra sistemaren beste garaipen bat. Kapitalismoak 250 urte daramatza egunetik egunera okerrago funtzionatzen, baina jendearen begiak hori desastretzat ez ikustea lortu du. Sobiet Batasunaren porrotak, aldiz, jabetza pribaturik ezean dena hankaz gora jausten dela iltzatu du gure iruditerian. Zer aterabide geratzen zaizu zure soluzioa arazotzat jotzen denean? Nik argi dut, alta: jabetza kolektiborako bideak urratu behar ditugu, eta horretarako, bestelako jendarte antolakuntza ereduak behar dira.
Desazkundea zinezko alternatiba da?
Ez hazteak jendarte ezberdin batera eramango gaituela pentsatzeak ez dauka zentzurik. Are gehiago, kapitalismoaren baitan ez hazteak orain gertatzen ari dena dakar. Besterik da jendarte alternatibo baten helburua hazkundea ez izatea, jendarte osoaren ongizatea baizik. Hala, akatsa da kapitalismoa transformatu gabe desazkundea posible dela pentsatzea. Kapitalismoak ez du halakorik baimentzen. Niretzat kapitalismoaren eraldaketa dakarren desazkundea da gakoa, ez orain modan dagoen kapitalismoaren baitako desazkundea. Soluzioa sozialki planifikatutako ekonomia batetik etorriko da. Nik ez dut autogintzan hazi nahi, baina bai ospitaleetan, unibertsitateetan... Horregatik iruditzen zait ahula desazkundearen teoria.
Kataluniaren edo Euskal Herriaren independentziak lagunduko luke bestelako ereduak sortzen?
Nire ustez ez. Egungo kapitalismoan gero eta pisu txikiagoa du identifikazio territorialak. Kapitala mugitu eta ekonomia saretzen duten nazioarteko eta mugaz gaindiko enpresentzat oso irizpide ezdeusa da lurraldetasuna. Hala, eraldaketa soziala ezin da lurraldetasunean oinarritu. Besterik da jendarte alternatibo batek kultura eta identitatea bezalako baloreak aintzat hartzea. Ni euskalduna naiz eta kito. Hori baloratu behar da, baina ez dut uste horretarako irizpidea lurraldetasunetik eraiki behar denik. Are gehiago, Espainiako Estatuko gero eta indar atzerakoi gehiagok erabiltzen du lurraldetasunaren argudioa eraldaketa sozialaren aldeko ahalegin eta izerdia diluitzeko. Hori gutxi ez, eta independentziak ez ditu ekologismoa, feminismoa edo elikadura burujabetza bermatzen, eta ez duzu emakumeenganako jendarte justua lortuko jendarte kapitalista batean. Gauza bera naturarekiko justiziarekin. Oso zaila da alternatibak kapitalismoaren baitan txertatzea.
Bizi duguna bezalako aro nahasian etorkizunari begira jartzea bezain zaila?
Kapitalismoak diraueno gatazka sozialak iraungo du. Gero eta pitzadura eta arrakala gehiago izan arren, kapitalismoa oso sendo dago oraindik. Boterea eta boterearen zirkuituetan dabiltzanak sistema hau betikotu nahi dute, baina sinesten dut ongizate kolektiboaz eta ondare komunaz arduratuko den bestelako jendartea sortuko dela borroka gogor eta luzeen ondorioz. Helmugatik orain 25 urte baino gertuago gaude. Munduaren zati handi baten deskontentua alternatiba berriak ereiten ari da. Bizitza beti izango da bizimodu hobe baten aldeko borroka eta borrokatzea haize-kontrako ibilera bat, kapitalismo sarraskitzaile hau suntsitu aurretik eta eraitsi ondoren. Tamalez, ezin zara lasai, besterik gabe, jendarte ezberdin baten alde jardun, parez pare kapitalismoaren esku beltzarekin topatu gabe.
Sistema honek bere burua arriskuan ikusten duenean indarkeria erabiltzen du, zenbat eta kinka larriagoan sentitu orduan eta bortitzago. Horrek ezinbesteko galdera dakar: zer egin jipoitzen zaituztenean? Ni bakezalea naiz, borroka baketsu baten aldekoa, baina ez beste masaila jartzea predikatzen duten horietakoa. Arazoa da orain indarkeriaz erantzunda kalte gehiago egiten diozula kausari sistemari baino. Baina nork daki, agian zauria helduagoa, onduagoa, dagoenean, indar-harremana orekatuagoa denean, bestelakoak izango dira kontuak. Nik ez nuke hori nahi, baina badakit kapitalismoak ez duela beste irtenbiderik lagako. Ez dago egun arrastotik ateratzen saiatzen den orok jasotzen duen tratu basatia ikusi besterik. Bukatu da ertzainak eta mossoak zibilizatuagoak zirela uste zen garaia. Argi dago biolentzia boteretik datorrela. | news |
argia-99bb104eaf83 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/euskal-abestien-eufonia.html | Euskal abestien eufonia | Jose Ignazio Ansorena | 2015-04-26 00:00:00 | Euskal abestien eufonia
Euskal abestien partituretan, herriko zein egiledunetan, maiz testuak ez dira zuzenak. Bakarkako kantarien edo abesbatzetakoen lana eragozten duten hamaika akats izaten dituzte. Honez gainera, bada beste nahaspila iturburua: idatzitako hitzen ahoskera.
Abestien sonoritatearen ederra alderdi musikalean dago, dagoenez, baina hitzen ebakieran ere bai. Gaztelaniaz, edonork uler dezake XVI. mendeko madrigalak yeismoz kantatzeak kalte egiten diola interpretazioari. Operan aritzen diren bakarrekoek ere ongi ikasten dute hainbat hizkuntza ahoskatzen aria hunkigarrienen emozioa modu eraginkorrean komunikatzeko.
Gurean, Hator, hator kantatzeko garaian, nola abestu, daigun edo dezagun? Ikusiko dok, ikusiko dek edo ikusiko duk? Nola ahoskatu, yatera edo jatera? Ama ere poz-atseginez edo Ama´re poz-atseginez? Askok Amaren poz-atseginez, niretzat inongo poz-atseginik gabe.
Batzuetan saltsaren jatorria abesti beraren zabalkundean dago. Inguru txiki bateko abestia, Durangaldeakoa kasu honetan, Euskal Herri osora zabaldu da. Lehenago ere gertatu dira horrelakoak eta Andre Madalen lapurteraz edo Agur Xiberua gipuzkeraz kantatu izan dira, arrakasta seinale. Baina koherentzia abesti osoan mantendurik, ez egungo nahas-mahasean.
Herri giroan, sagardotegian edo parrandan ez dago ezer eskatzerik. Goi-mailako kontzertuetan, ordea, ahotsaren koloreari, tonuen gozatzeari, fraseoari, hainbat hizkuntzaz ongi ebakitzeari arretaz erreparatzen zaiolarik, euskaraz ere gutxieneko mailari eustea eskatu beharko genuke abestien mami artistikoa indar osoz geureganatu ahal izateko.
Musikenek prestatu beharko luke honetan lan txukuna eta kantu ikasleei edo abesbatza zuzendariei irakatsi, bestela inork ez duelako egingo. Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia da Musikene. Sarri aritzen naiz bertan ikasitakoekin elkarlanean eta esan dezaket kalitate handiko musikari gazteen harrobi bihurtu dela. Kantari edo jotzaile izan, zuzendari edo konpositore, klasikoan, jazzean, garaikidean zein rockean gure artean inoiz ez bezalako musikari trebatuak ateratzen ari dira bertatik. Euskaldunak asko. Aipatutakoaren eskasia, ordea, behin baino gehiagotan sumatu dut eta bideratzen hastea eskertuko litzateke.
Horrela Pablo Sorozabal, esaterako, ez litzateke bere hilobian haserretuko Gabiltzan kalez-kale umore onian (ez onean) entzutean. | news |
argia-0cd38105709f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/bartzelonan-bai-jakin.html | Bartzelonan bai jakin | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-04-26 00:00:00 | Bartzelonan bai jakin
Literaldia. Noiz: apirilaren 10etik maiatzaren 9ra. Non: Bartzelona. Webgunea: literaldia.com
Konparatzea ere, honetan, beste guztian bezala, katalanak aurretik: han Jordi bada norbait, pentsa, santua ere bai; are gehiago, President ere izan zuten bolada batez grazia hori zeukan gizontxoa –azkenaldian deklaratu gabeko sos batzuengatik problemetan omen dabil, baina guk horretaz ideia handirik ez, gu tronpeta jotzera etorri gara–. Harira, esandakoa, katalanek traineru batzuk ateratzen dizkigutela, ze hemen, Gorka izena baldin badaukazu –eta horretaz badakigu zerbait, txikitan Iñaki izan nahi genuen arren–, apirilaren 23an ez daukazu ez sosik Suitzan, ez santurik, ez libururik opari, eta arrosak jasotzeko aukera ez dago espektatiben zerrendan ere. Bartzelonan bai jakin.
Eta ez katalanak bakarrik, han dabiltzan euskaldunak ere listoxeagoak ote diren pentsatzen hasiak gara, Sant Jordiren buelta honetan urtero antolatzen duten Literaldia festibalak aurten osatu duen programazioa ikusirik. Ez egun bat, ez bi: hilabete osoa letraz josita dauka gure literaturak zazpi probintzietatik kanpo daukan jaialdi garrantzitsuenak. Kataluniako publikoarentzat ezagunak izango diren izenek osatzen dute kartelburua –Fermin Muguruzak Black is Beltza nobela grafikoa aurkeztu du 21ean eta Bernardo Atxagak solasaldia izan du Manuel Rivas galiziarrarekin Sant Jordi bezperan–. Aurretik, hamaikagarren edizioaren itxaferoa bota eta berehala, literatura musikaren termomixetik pasata eskaini duten bi proposamen: apirilaren 10ean jaialdia inauguratzeko, Bide Ertzean eta Metrokoadroka pasa ziren Bartzelonatik Nola belztu zuria ikuskizunarekin –Joxean Artzeren poemak kantatu eta errezitatu zituzten Euskal Etxean–; eta joan den larunbatean Gosariak egitasmoak hartu zuen lekukoa –Gose taldeak Joseba Sarrionandiaren testuekin eta Iñigo Arregi-Juan Luis Goikolea artista tandemaren lanekin argitaratu du proiektua–.
Pasako da Sant Jordi, baina iraungo du Literaldiak. Hurrengo zitak dira: apirilaren 24ko bertso afaria –Euskal Etxean, 15 eurotan–, maiatzaren 7an egingo den Pomes perdudes katalanera itzulitako euskal ipuinen bildumaren aurkezpena; eta azken traka, datorren hileko 8an eta 9an: Iratxe Retolaza EHUko irakasleak Euskal komikiaren historia literario baterantz hitzaldia eskainiko du. Biharamunean Esti Lizaso itzultzaileak eta Danele Sarriugarte idazleak Erraiak liburuaren itzulpenari buruzko esplikazioak emango dituzte eta pasarteak irakurri, euskaraz eta katalanez.
Eta guk ez daukagu pisurik Bartzelonan, snif. | news |
argia-fdc20665ac66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/maide-inda-kontseiluko-ordezkaria.html | "Errotiko aldaketa nahi dugu Nafarroako hizkuntza politikan" | Igor Agirre | 2015-04-26 00:00:00 | "Errotiko aldaketa nahi dugu Nafarroako hizkuntza politikan"
Tamaina horretako ekitaldiek eskatzen duten prestakuntzan ohikoa den moduan, lanean buru-belarri dabil Kontseiluko ordezkari Maite Inda (Iruñea, 1981). Apirilaren 25ean Nafarroako euskaldunak batu eta ilusioa pizteko ekitaldia antolatu dute Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.
Zergatik antolatu duzue ekitaldi hau?
Ekitaldia Nafarroako Kontseiluaren mahaitik dator. Mahai horren bueltan esertzen dira AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz, Topagunea, Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Elkartea. 2009an biltzen hasi ginen, UPNren hizkuntza politikek Nafarroako Gobernutik torlojuari beste buelta bat eman ziotelako. Krisi orokorraren aitzakiatan, estutze ekonomiko ikaragarria egin zioten Nafarroako euskalgintzari. Itolarri horretan ikusi zen indarrak batu beharra zegoela eta kalera ateratzeko beharra genuela.
2010ean indartsu atera ginen kalera, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea lemapean. Bertan plazaratu genuen lehen aldiz Euskaraz bizi nahi dut lema bera. Esan dezakegu geroztik bide oparoa egin duela lemak, Nafarroako mugak gaindituz eta Euskal Herrira jauzi eginez. Hura momentu indartsua izan zen.
Ikusten genuen soilik kalea hartzearekin ezin genuela geratu eta beste bide batzuk ere urratu behar genituela. Elkartasunean ari gara lanean eta Anaitasuna elkarlan horren fruitua da. Ikusi genuen, manifestazioez aparte gure jendearekin komunikatzeko beste modu bat behar genuela. Horregatik antolatu dugu Anaitasunako ekitaldia.
Nolako ekitaldia izango da?
Bi funtzio ditu ekitaldiak. Alde batetik, jendeak egunerokoan euskaraz bizitzeko jarrera zehatzak hartu eta orain arte lan egin duen jende horri aitortza egin eta eskerrak eman nahi dizkiogu. Bestetik, kanpora ateratzeko abagunea ikusten genuen, eta Nafarroako hizkuntza politiketan errotiko aldaketak nahi ditugulako erabaki genuen Anaitasuna hartzea.
Desberdin ari gara lanean ekitaldiari begira. Badakigu jendeak Anaitasunaz zein argazki egiten duen. Ez bada kirol ekimen baterako edo kontzertu baterako, ekitaldi formatuan erabili denean ekitaldi politikorako erabili izan da. Gainera, ekitaldi politiko horietan une konkretu bateko proposamenak aurkeztu izan dira. Orain arte euskararen mugimenduak ez du hartu eta badakigu nafarrentzat Anaitasunak badauzkala konnotazio konkretu batzuk.
Hasieratik horrekin apurtu nahi duen ekitaldi baten bila ari gara. Ez da egongo atril bat eta ez da egongo lider bat hizketan. Gu herri mugimendua gara, gu jendea gara, eta jendea harmailetan egongo da. Horregatik, zeresana izango dute harmailek ekitaldian zehar. Ekitaldi metaforikoa izango da. Horretarako laguntza eskatu dugu eta Eneko Olasagastirekin lanean ari gara alde artistikoa jorratzeko.
Hori guztia egonda ere, Nafarroan aldaketarako proposamena plazaratuko da. Hizkuntza politiketan errotiko aldaketa emateko zer aldaketa eman behar diren ere Anaitasunan islatuta egongo da.
Zeintzuk dira proposamen horren ardatzak?
Proposamena aldaketa politikoari dagokiona da. Urteak daramatzagu UPNren hizkuntza politikapean eta oso bistakoa da euskararen kontrako politika egin duela. Hain da gutxi euskararen alde egin duena, gobernu aldaketa bat balego, atzetik datorrenak pentsa lezakeela aurrekontuetan igoera partzial batzuk eginda edo aldaketatxo batzuk eginda hizkuntza politiketan aldaketa eman dutela Nafarroan.
Ez dugu arrisku hori pairatu nahi. Behingoz aldaketa politikoa ematen bada, errotiko aldaketa nahi dugu. Horretarako urgentziazko hamahiru neurri planteatu ditugu, balizko gobernu berriak lau urtetan martxan jartzeko modukoak. Aldaketaren minimoa markatzen dute hamahiru puntuok, hortik aurrerako guztia ongi etorria izango da.
Zenbateraino estutu ditu Nafarroako Gobernuak euskara eragileak?
Esango nuke apustu argia egin duela mugimendua deuseztatzeko. Uste dut UPNk bere hizkuntza politika birformulatzeko egoeran ikusi duela bere burua. Beti izan da kontrakoa, baina egia ere bada herritarrek egin dituzten presioen eta salaketen ondorioz aldatu beharra izan dutela. Duela hamabost urte oso gordina zen UPNren hizkuntza politika, eta azkenean, nolabaiteko aldaketa eman behar izan dutela esango nuke.
Esate baterako, Euskararen Legearen azken aldaketan, ikastolen defendatzaile gisa agertu zen, halako aldaketa batek kolokan jar zitzakeela proiektu horiek argudiatuta. Badakigu atzeko asmoa zein den: euskara ez hedatzea. Baina aldaketa horretan esango nuke misteriotsuago jokatu nahi izan dutela eta hiru ardatz erabili dituzte. Bata, ingelesari gogor heldu diote. Ez dute esaten euskara ikasi behar ez denik, baina ingelesa edo euskara hautatu beharra duzu. Bestea, intoxikazio kanpaina neurtuak egin dituzte. Adibidez, aurreko ikasturtean Guardia Zibilaren txosten misteriotsuarekin bueltaka ibili ziren. Azkena, itotze ekonomikoa da. Krisi ekonomikoaren aitzakia baliatu dute mugimendua itotzeko.
Ez dute horren agerian esaten euskararen kontra daudenik, baina neurri horiek asko indartu dituzte.
Indar aldaketa gerta daiteke Nafarroan. UPN oposizioan geratuz gero, hizkuntza politikan esperantzarik baduzue?
Nola ez bada! Orduan ez bada hizkuntza politika aldatzen...
Denbora honetan guztian nagusiki UPN izan da hizkuntza politika egin duena. Beraiek kenduta, ez dugu aurreikusten eszenatoki bat non bestelako hizkuntza politika bat ez den egingo. Alderdi guztiak aldaketaz hitz egiten ari dira. Hortaz, imajinatzen dugu beste alor batzuetan bestelako politikak egingo dituzten bezala, hizkuntzan ere egin beharko dituztela. Horretarako gonbita luzatzen diegu, edo exijitzen diegu alderdi guztiei, nahi duten moduan hartu dezatela.
Aldaketarik egon ezean zer?
Aldaketa etorrita ere guk lanean jarraituko genuke. Eta ez baletor, izerditu eta lan egin. Ez dugu etsiko. Ez diogu utziko euskaraz bizitzeari, ezta nahi hori gauzatzeari ere. Bide beretik jarraituko dugu aldaketa egon ala ez.
Zein iritzi duzu Nafarroako azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzen inguruan?
Datuak plazaratu zirenean erdaldunduagoak dauden zonaldeetan euskarak goranzko joera eta euskaldunduagoak direnetan beheranzko joera izan duela azaldu zen. Datu horiek datu soil moduan emateak eta arrazoietan ez sartzeak kezkatzen nau.
Nafar euskaldunen potentzialtasunaz hitz egiten dute datu horiek, kontrako haize indartsuarekin gai izan garelako aurrera egiteko.
Eremu euskaldunduagoetan gertatu dena ez da Nafarroako kontua soilik, Euskal Herri osoko fenomenoa da. Fenomeno hori indarrean dauden hizkuntz politiken ondorioa dela argi dugu.
Herri euskaldunago horietan bizi diren horiek ez dira isolatuta bizi. Beraien herrietara erdaldun elebakarren etorrerekin eta telebista erdaldun askorekin bizi dira, besteak beste. Iruditzen zait hori guztia tartean egonda, arrazoiak gehiago aztertu behar direla, maiz euskaldunaren utzikeriari egozten baitzaizkio. | news |
argia-8b9ed1386af9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/lucy-ez-da-gure-arbasorik-zaharrena.html | Lucy ez da gure arbasorik zaharrena | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-04-26 00:00:00 | Lucy ez da gure arbasorik zaharrena
1974an haren hezurrak Etiopian aurkitu zituztenetik, Lucy (argazkian) jo izan da gure arbasorik zaharrentzat. Australopithecus afarensis espezieko arrastoek 3,2 milioi urte dituzte. Hogei urte inguruko eta metro eskaseko emakumearen 52 hezur aurkitu zituzten, eskeletoaren %40, arrasto hain zaharretan erabat ezohikoa dena.
Baina berriki Science aldizkarian Chalachew Seyoum etiopiarrak argitaratu duen ikerlanaren arabera, Etiopian bertan, Lucyrengandik 25 kilometrora aurkitutako masailezur zati fosildu bat homo generokoa omen da, eta Lucy baino zaharragoa, duela 2,8 milioi urtekoa, hain zuzen. Seyoumen teoria egiaztatuz gero, gure espeziearen zuhaitz genealogikoa aldatuko da beste behin. n | news |
argia-ae263791b7e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/zorionak-sator-jauna.html | Bidaia da helmuga | Xabier Etxaniz Erle | 2015-04-26 00:00:00 | Bidaia da helmuga
Seve Calleja::Zorionak, Sator jauna!
Itzulpena: Xabier Monasterio
Irudiak: Carmen Aguirrezabal
Ibaizabal, 2014
Seve Callejak hainbat eta hainbat ipuinetan ikusitako egitura errepikakorra erabiliz egindako ipuin sinple eta atsegina dugu Zorionak, Sator jauna! hau. Eta idazle bizkaitarraren lanetan ohituta gauden bezala, Xabier Monasterioren itzulpenari esker jaso dugu euskarazko bertsio hau.
Sator jaunak Satortxo ilobari deitzen dio telefonoz, Satortxo gazteak gogoan izan dezan osabaren eguna dela. Eta dei horren ondorioz ilobak bidaia bati ekiten dio osabaren etxera. Bidaia horren kontaketa dugu ipuintxoa, nola Satortxok ez dion ezer eramaten osabari (ez zaio ezer bururatzen) baina bitartean bidaian zehar aurkitzen dituen lagun guztiak animatzen dituen osabaren jaira, eta nola hauek bai daramatzaten era askotako opariak.
Jolas hori dugu liburuko argumentuaren oinarria, Satortxok Ilegorri katagorriarekin egiten du topo eta bi lagunak bidean abiatzen dira Magu saguarekin aurkitu arte. Saguarekin batera hirurak martxan jartzean Berritsu satitsuaren okindegira doaz postrea egiteko irin bila. Eta ondoren kirikiñoa, kastorea… eta hainbat lagun elkartuko zaizkie, batzuk gonbidatuta, beste batzuk beren burua gonbidatzearen ondorioz: "Jai batera zoaztela diozue? Ba, zerbaiterako behar banauzue, ni laguntzeko prest nago", koadrila ederra osatu arte: "«Bat, bi, hiru, lau,…» saguzarra gonbidatuak kontatuz doa ahapeka. «A zer-nolako jendetza!», pentsatu du bere baitan. Taldekideak horretaz konturaturik, nor bere burua aurkezten hasi da".
Hirugarren pertsona orokojakilea dugu istorio honetako narratzaile, kontakizuna modu kronologikoan azalduz. Liburuko egitura, gainera, sinplea dugu; elkarrizketez osaturiko hogei kapitulu laburrez egituratuta dugu, irakurketa are errazagoa bilakatuz. Carmen Aguirrezabalen irudi koloretsu ugarik ere laguntzen dute argumentuaren haria jarraitzen eta istorioaren nondik norakoa hobeto ulertzen.
Ipuina, irakurleak espero duen bezala, Sator jaunaren etxean eginiko festarekin amaitzen da: "Orain badaude denak eta Sator Jaunaren urtebetetzea ospatzeko gogo bizia dute denek. Eta gero, jaki guztiak irentsitakoan, ibilaldiaren gorabeherak kontatuko dizkiote elkarri. Eta gero dantzan hasiko dira. Eta kantuz eta barrez arituko dira. Gau osoa dute primeran pasatzeko".
Ipuin sinple eta arin irakurtzen dena dugu Callejaren hau; entretenigarria eta animalia ezberdinez osaturiko talde bitxia protagonista duen kontakizuna. Eta, hainbat lanetan ohikoa den bezala, helburua baino interesgarriagoa da bidaia. Sator jaunaren festa helmuga da, ipuina, aldiz, bidaia. | news |
argia-4294ea5a171a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/euskal-presoen-aurkako-jazarpena.html | Troiti�o espetxeratzeko ingeniaritza juridikoa | Xabier Letona | 2015-04-26 00:00:00 | Troiti�o espetxeratzeko ingeniaritza juridikoa
Espainiak eskatutako Antton Troitiñoren estradizio eskaerari baiezkoa eman zion apirilaren 14an Londresko Westminster Auzitegiko Howar Riddle epaileak. Orain helegitea jarriko du defentsak eta ondoren ikusi behar. Troitiño baldintzapeko askatasunean da Londresen eta, beste euskal preso batzuekin bezala, Espainiako Gobernuak abian du berriz espetxeratzeko tresneria osoa. Ingeniaritza juridikoa deitzen diote Madrilen.
Antton Troitiñok 24 urte pasatu zituen Espainiako espetxeetan eta 2011ko apirilaren 13an utzi zuen aske Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Hirugarren Aretoak. Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta María de los Ángeles Barreirok osatzen zuten epaimahaia.
Libre geratu diren etakide historiko askorekin bezala, Espainiako hainbat esparrutik oso kritika gogorrak egin zitzaizkion Auzitegi Nazionalaren erabakiari, batez ere biktimen elkarteetatik eta PPtik. Bere kasuak berriz ere argi adierazten du Espainiako Gobernuak egin ahalak egiten dituela hainbat presoren inguruan akusazioak sortu eta berriz espetxeratzeko.
2011ko apirilean Espainian sortu zen ekaitz mediatikoa erabakigarria izan zen bere askatasuna agindu zuten epaile berberek astebete geroago berriz espetxeratzea eskatzeko. Ordurako, aldiz, Troitiño alde eginda zegoen. 2012ko ekainean atxilotu zuten Londresen eta espetxeratu. 2013ko urrian, ordea, Parot Doktrinari buruzko epaia eman zuen Estrasburgoko Auzitegiak eta, horren ondorioz, Erresuma Batuko justiziak baldintzapeko askatasunean utzi zuen presoa.
Espainiako agintariek, ordea, ez zuten amore eman eta atxiloketaren unean iheslariari atzemandako dokumentazio faltsua dela eta, berriz ETAn sartzea leporatu zioten. Horregatik, eta Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2014ko otsailaren 13an ostera atxilotu zuen polizia britainiarrak. Egun bat geroago baldintzapeko askatasunean utzi zuten.
Hilaren 14koa izan da Espainiak bere aurka egiten den hirugarren estradizio eskaera. Baiezkoaren ondoren, orain bere abokatuek helegitea jarriko dute eta berau zertan amaitzen den ikusi beharko da.
Espainian libre utzi zutenekoa
2011ko apirilean Troitiño libre geratu zenean Espainiako Brunete mediatikoa martxan jarri zen, oraingoan Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Hirugarren Aretoaren aurka. Honakoa zioen Federiko Trillo PPko Justizia eta Barne arduradunak: "Lotsagarria da espainiarren eskubideak bermatu behar dituen Konstituzio Auzitegia etakideen eskubideak bermatzen jardutea".
Antonio Basagoiti orduko EAEko PPko lehendakaria zehatzagoa izan zen: Troitiño libre uztea "guztiz lotsagarria da" eta Gobernuak "dena delako bidea topatu beharko luke" etakidea espetxera itzul dadin.
Libre utzi zuteneko mamia behin-behineko espetxe zigorra betetzeari buruzko arauen interpretazioan zegoen. 2008an Konstituzio Auzitegiak erabaki garrantzitsua hartu zuen behin-behineko espetxealdiaz, beti ere zigor bat baino gehiago dagoen kasuei eragiten diena. Auzitegiak ebatzi zuen bigarren –edo hirugarren, laugarren…– zigorraren behin-behineko espetxealdia, guztira bete beharreko espetxe zigorretik kenduko zela. Eta behin-behinean betetako zigor egun bakoitzeko beste bat emango zuen Zigor Kodeak, presoak behin-behineko espetxe egoeran jaso ez zituen onurak konpentsatzeko.
Epai horretan oinarritu zen Auzitegi Nazionaleko Hirugarren Zigor Aretoa 2011ko apirilean Troitiño libre uzteko. Egiazki, euskal presoak 32 urteko espetxealdi ofiziala bete zuen, guztiz ezohikoa bada ere bere behin-behineko espetxealdia 8 urtekoa izan zelako. Apirilaren 13 batean hartu zen erabaki hori, baina aldi berean, Auzitegi Gorena ari zen erabakitzen gai berari buruz eta martxoaren 28ko data zuen epaian Gorenak guztiz kontrakoa esan zuen: behin-behineko espetxealdia zigor bakoitzetik kendu beharko zen hauek bete ahala.
PPren gobernuak ere buruan zuen 2008ko Konstituzio Auzitegiaren epaia eta 2010ean Zigor Kodearen 58.1 artikulua erreformatu zuen, argi adieraziz behin-behineko espetxealdia zigor bakoitzetik kenduko zela eta ez zigor osotik. Zein zen arazoa? Lege aldaketak ezin direla atzera begirakoak izan eta 2010etik aurrerako zigorrei bakarrik eragingo ziela. Konstituzio Auzitegiaren epaiak euskal preso ugariri eragingo zion eta aurkitu behar zen hori ez gertatzeko modua. Ingeniaritza juridikoa egin behar zela, alegia.
Zergatik egin zuten atzera epaileek?
Auzitegi Nazionaleko Hirugarren Aretoko epaileen esanetan euren lehen epaia akatsa izan zen, Auzitegi Goreneko epaiak martxoaren 28ko data bazuen ere, hau apirilaren 18an eman zelako ezagutzera eta beraien epaia apirilaren 13koa izan zen.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren ministro Juan Fernando Lopez Agilarrek ere argi esan zuen bere garaian: ez badago frogarik, sortuko ditugu. Egungo Barne ministro Jorge Fernandezek bestelako moldez esan zuen antzerakoa Parot Doktrina dela eta: behar izanez gero, ingeniaritza juridikoa egingo da.
Gerora, 2013ko irailean emandako epaian Konstituzio Auzitegiak dio bera ez dela sartzen auzitegi arruntek Zigor Kodea indarrean jartzeko hartzen dituzten erabakietan, bere lana askatasunen bermea delako. Eskuak garbitzen ditu eta listo.
De Juana, Troitiño, Arrozpide...
Ez da kasu bakarra Troitiñorena, hainbat euskal presok egin dute topo ingeniaritza juridikoarekin. Agian ezagunena Iñaki de Juana Chaosena da. 2006ko Loiolako prozesuaren testuinguruan sortu zen bere askatasunaren auzia eta –hasitako gose grebaren ondorioz– De Juana hil zorira eraman zuen. Libre geratu ondoren, berriz eraiki ziren bere aurkako salaketak Gara-n idatzitako El Escudo eta Gallizo iritzi artikuluen bidez. Gaur egun ihesi da oraindik.
ETA su-etenean zen orduan, baina jardun armatuan. Troitiño libre utzi zutenean ETAk oraindik iragarri gabe zuen jarduera armatuen etena. Espainiako agintarien ikusmoldeak, aldiz, berdin-berdin jarraitzen du ETAk armak utzi eta gero.
Santiago Arrozpide preso lasartearrarenak ere merezi du aipamenik, berari ere botika berarekin erantzun baitio Espainiako justiziak. 2014ko abenduaren 4an libre utzi zuten espetxean 27 urte egin ondoren eta 2015eko urtarrilaren 20an atxilotu zuten berriz, oraindik epaitu gabeko bi auzi leporatuz. Alberto Plazaola ere Arrozpideren egun berean askatu zuten, baina atxiloketa agindua eman zenean ez zuten aurkitu.
Arrozpiderenak ez du zentzu juridikorik, Espainiako justizian zigorren batzea kontuan hartzen delako eta horren arabera, garai bertsuan eta delitu mota berarengatik emandako zigorrak zigor bakarrean biltzen direlako. Orain leporatzen dizkioten atentatuak 80ko hamarkadakoak dira eta Arrozpide, hain zuzen ere garai horretan gertatutako atentatuengatik zigortu zuten.
Salaketa berriek ez dute ibilbide juridikorik, berandu baino lehen libre utzi beharko lukete, baina balio dezake orain denbora batez Arrozpide berriz espetxean mantentzeko. Mendekuaz gain, Espainiako Gobernuak hainbat biktimen elkartetik jasotzen dituen kritiketatik babesteko balio dio.
Arrozpideren giza eskubideen erabilera politikoa erabat gardena da Mariano Rajoyren gobernua eta Espainiako Justiziaren aldetik, ezin esan ezkutuan ari direnik. Ezkutuago dago euskal gizartea eta instituzioen aldetik halakoen aurrean egin beharko litzatekeen salaketa.
Hori egiten ari dira. | news |
argia-ab6d6aeb9ca8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/ukedadak.html | Ukelele zaleen igandetako zita | Itziar Ugarte Irizar | 2015-04-26 00:00:00 | Ukelele zaleen igandetako zita
Lehen begi kolpean jostailuzkoa irudi lezakeen lau sokako eta lepo laburreko instrumentuak protagonismoa berreskuratu du azken boladan, baita eszenatokietatik kanpo ere. Horren erakusgarri, ukedadak antolatzen dituzte Bilboko ZAWPen, ukelele zaleek taldean praktika hartu eta taldean gozatzeko asteroko topaketak.
Kanadan 1960ko hamarkadan musika-irakasle batek proposatu omen zuen, ikastetxe guztiek flauta kendu eta ukelelea jo behar luketela; flauta ahoan ezin daitekeelako abestu eta abestu gabe musika gutxi egin daitekeelako. Hori kontatzen du Marcos Feijook, Bilboko ukedaden koordinatzaile eta ukelele irakasleak.
Hitz gutxitan, ukelele zaleen topaketak dira ukedadak. Bilbon iaz ekin zioten ostiraletan elkartzeari eta aurten igande arratsaldeetako plana bihurtu dute. Kide gutxi hasi arren, taldea apurka handitzen ari da. "Saio batean zazpi lagun egon gaitezke eta hurrengoan hogei. Jende artean jotzea atseginagoa zaienentzat praktikatzea da helburua", azaldu du Feijook. Horretarako, abestien akorde eta letrak dituzten bideoak erabiltzen dituzte.
2012an "Ukelab" ukelele-laborategia sortu eta hilabete gutxira ZAWP (Zorrotzaurre Art Work in Progress) proiektua ezagutzean bertan klaseak ematen hasi zen Marcos Feijoo. Espazioak ematen dituen aukeren aurrean, ukedadak proposatu zituen –ideia herrialde anglosaxoietatik ekarrita– eta ordutik ZAWPeko "Garabia" pabilioian geratzen dira astero.
Ikasketa informalaren bila
Topaketan parte hartzen duten hainbatek aurretik beste musika-tresnaren bat jo izan dute, eta instrumentuari eskua hartzeko, ordu ugari pasa dute etxean bakarka. Horregatik, talde giroa, era askotako jendea ezagutzeko aukera eta instrumentuaren soiltasunak ahalbidetzen duen ikasketa informala da ukedadetan bilatzen dutena.
Urteetan gitarra jo duen kide batek ukelelearen abantailatzat azpimarratu du nahikoa dela oinarrizko maila hartzea instrumentuarekin gozatzen hasteko. "Zentzu horretan, gitarra baino askoz aukera gehiago ematen du", azaldu du.
Aitortu dute ez dituztela bereziki jarraitzen ukelelea jotzen duten musika-taldeak, nahiz eta orain arreta gehiago jartzen dioten tresnaren soinuari: "Erreparatzen jarrita, esaterako, iragarki edo pelikuletan giro ona lantzeko erabiltzen da ukelelea, bere soinuak irribarrea ateratzen duelako".
Musika-tresnaren presentzia areagotuz doala nabaritzen dute eta ez dira tresnarekin entseatzeko elkartzen diren bakarrak. Iruñean mierKuleles izeneko ukelele-topaketak egiten dituzte asteazkenero, eta duela aste gutxi elkar ezagutzeko bilgunea bikoiztu zuten Iruñeko kideak ZAWPera gonbidatuta. Feijooren arabera, "beste musika-tresnekin ez bezala, ukelelearen munduan nahiko hedatuta dagoen egitasmoa baita".
Olatuaren goraldian
Euskal Herrian Mursego, Mugaldekoak eta Zeze Miege dira azkenaldian ukelelea taula gainera igotzen hasi diren musikarietako batzuk. Atzerrian lehenago hasi ziren noski, eta gorabeherak ere izan ditu musika-tresnaren ospeak.
1880an portugaldarrek Hawaiira eraman zutenetik, ukelelearen presentziak "olatu ugari" bizi izan ditu Feijooren hitzetan. Ordutik, gutxi gorabehera hogei urtetik behin –1900, 1920, 1940 eta 1960ko hamarkadetan– protagonismoa irabazi, eta gero berriz eszenatik desagertu dela dio, egungo olatu berrira arte. Nazioartean jazo den gorakada dela dio, nahiz eta "hemen gitarrari egiten zaion gorazarreak" beste instrumentu ugariri itzala egin.
Krisi ekonomikoak ere ukelelearen boom berri honetan eragina izan ote duen susmoa du Feijook: "Gitarren salmenta jaitsi denean, saltzaileek ukelelea nahiko masiboki bultzatu dute, askoz merkeagoa delako".
Gorakada orokorra, ordea, Eddi Vedder Pearl Jameko abeslariak 2011n Ukelele songs diskoarekin eragin zuela deritzo. "Horrek ekarri zuen indie edo folk anglosaxoia egiten duten musika-talde gazteek instrumentua benetakotzat hartzea, ez soinu hawaiiar edo exotiko gisa bakarrik".
Ukeleleak beste mota batzuetako kantuetan ere funtzionatu dezakeela agerian geratzen ari da, eta Feijook dioenez, hori da hain zuzen eurek egiten dutena, estilo guztietatik datozen kantuak joz. | news |
argia-d516d236a31d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/joko-nuke.html | Joko nuke | Itxaro Borda | 2015-04-26 00:00:00 | Joko nuke
Zinez aspertzen direnak badira. Behialako ihizi-saioetan higatzen ziren testosterona isuriak, basurdearen, azeriaren edo oreinaren atzetik. Denborak aldatu dira eta gehienok pantailaz pantaila gabiltza dagoeneko, eta ez bakarrik Goenkale sailaren azken atalak ikusteko. Alex Wellerstein amerikarrak zartatze nuklear birtualak, amesten ditugun lekuetan eragiteko Nukemap izenarekiko gunea ireki zuen 2012an.
Areva multinazionalak nuklearraren alorrean diru-galtze ikaragarriak dituen unean jokoak ezagupena lortzen du. Sarraskiaren tokia hautatzen duzu, eremuaren hedapena, hil eta zauritu kopurua eta jo, botoi gorria zapatu dezakezu Stanley Kubricken Docteur Folamour filmean bezala. Halaber, orain arte gertatu atomoaren istripuak errepikatzen ahal dira letania morbidoaz gozatuz: Hiroshima, Maralinga, Txernobyl, Fukushima…
Eztia da herioa behatz soilez zabaltzea eta nuklearra ez dela hain lanjerosa ondorioztatzea. Atomoaren dantza, funtsean, fantasma lizuna delako, estatuak eta garapen xedeak urtzen dituen histeria erakargarria.
Autosuntsiketaren fazinazioak dirau, suntsitua bestea den ber. | news |
argia-e2523710418a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/hutsegiteak-konpondu-nahiak-aberastu-zuen-mekanografo-baldarra.html | Hutsegiteak konpondu nahiak aberastu zuen mekanografo baldarra | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-04-26 00:00:00 | Hutsegiteak konpondu nahiak aberastu zuen mekanografo baldarra
Dallas (AEB), 1950. Bette Nesmith Graham (1924-1980) Texas Bank and Trust enpresan hasi zen idazkari, berarentzat eta semearentzat bizibidea lortzeko asmoz, 1946an senarrarengandik legez banandu ondoren haren laguntzarik gabe egin behar baitzuten aurrera.
Nesmith berehala igo zuten mailaz eta idazkari exekutibo izendatu; hala, garai hartan banketxeetan emakumezkoek lor zezaketen postu gorena eskuratu zuen. Langile fina zen, baina mekanografian trebe izatea ez zen haren bertuterik handiena eta, ordenagailuak hedatu aurretik, oker bakar batek orria zaborrontzira bota eta hutsetik hastea esan nahi zuen.
Diru sarrerak handitzeko asmoz eta margotzeko zeukan trebezia baliatuz, banketxeko erakusleihoak apaintzen hasi zen eguberrietan. Inspirazioa orduan etorri zitzaion. Grahamen beraren hitzetan, "artistek ez dute egindakoa baztertzen huts bakar batengatik, txarto egindakoaren gainean pintatzen dute beti, eta artistek erabiltzen dutena erabiltzea erabaki nuen". Botila txiki bat tenpera zuriz bete zuen eta, akuarelak margotzeko erabiltzen zuen pintzel finarekin batera, bulegora eraman zuen, mekanografia akatsak zuzentzeko.
Hasieran, ezkutuan erabiltzen zuen asmakizun gero eta hobea; semearen kimika irakaslearen laguntzaz pinturaren formula hobetuz joan zen. Banketxeko nagusiek, likido zuzentzailearen berri izan zutenean, errieta egin zioten. Lankideek, ordea, haientzat ere potetxoak egiteko eskatzen hasi ziren. Hala, 1956an produktua merkaturatzea erabaki zuen. Mistake Out izena ipini zion lehenik, eta Liquid Paper aurrerago.
Etxean laborategi modukoa prestatu zuen ekoizpena bermatzeko. Baina etengabe hazten ari zen eskaerak bultzatuta, etxe atzeko lorategian etxola eraiki behar izan zuen. Hamabi urtez hura izan zen enpresaren egoitza nagusia. 1979an enpresak 200 langile zituen eta urteko 25 milioi botilatxo ekoizten zituen. Urte horretan bertan Gillette erraldoiak 47,5 milioi dolarren truke erosi zion enpresa Grahami.
Banketxetik ez zuten berehala kaleratu. Likido zuzentzailea erabiltzea gustuko ez zuten arren, beste aukera bat eman zioten. 1958an, ordea, hutsegite barkaezina egin zuen eta, orduan bai, egotzi egin zuten. Gutun bat mekanografiatzen ari zela, amaieran, banketxearen izena ipini ordez "The Liquid Paper Company" idatzi zuen. Bette Nesmith Graham ez baitzen ona mekanografian. | news |
argia-5d4d4ee71051 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/zeruak-eta-lurrak.html | Zeruak eta lurrak | Jakoba Errekondo | 2015-04-26 00:00:00 | Zeruak eta lurrak
Zuhaitzak lotzen ditu zeruak eta lurrak. Zutik den haitzak. Ez harrizko haitzak, harkaitzak. Ezta zurkaitzak ere. Bizirik behar du zurak; zuhaitz behar du.
Zuhaitzak zainak ditu lurrean eta zainak zeruan. Sustraiak lurrean eta sustraiak zeruan. Adarrak lurrean eta adarrak zeruan. Besangak lurrean eta besangak zeruan. Zein da handiagoa, lurpeko zuhaitza edo zerukoa? Zuhaitz helduetan, gehienean, handiena lurreko zatia dela dema egingo nuke. Biak antzekoak direla jo dezagun. Bi oihal josten dituzten albainuak bezalakoak dira zuhaitzak, lurrak eta zeruak harilkatzen. Elkarri ihes egin nahi dioten bi batean heltzen dituen kateorratza.
Zuhaitzak diren tokietan lotura egina dago. Basoak oihanak zuhaiztiak eraitsitako tokietan beste haitz batzuk zutitu genituen. Zeruak eta lurrak eta zeruak lotuko zituzten zutikako haitzak: menhirrak, iruinarriak, harrespilak, mairu baratzeak, jentil baratzeak... Geure buruak gure otoitzak behar zituen kateorratzak.
Zuhaitzen lan horren arrasto ugari dugu. Etxeko atearen hutsartea zaintzeko jartzen ditugun lore-txortatxoak, lizarrak ( Fraxinus excelsior ), elorri zuriak ( Crataegus sp. ), erramuak ( Laurus nobilis ) eta palmak ( Phoenix canariensis ). Etxeari teilatua ematean gailurraren muturrean jartzen zaion lizarra edo erramua; trapalaren, montxorraren edo ostrokuaren dei eta eskari. Ateburuan eta sabaian azpitik igarotzeko zintzilikatutako mihura ( Viscum album ). Bizitzara lotzen gaituzten kateorratzak.
Mihuraren gurtza ez da berdantza-bartekoa. Zuhaitzak hostoak galdu eta soiltzen denean, hor jarraitzen du mihurak, berde asko, bizi-bizi. Harrigarria dena gurgarri. Haritzean hazitakoa omen da auzoko galoentzat onena. Gaitz ugariren sendabide, eta sutetik babesten duena. Udako solstizioan, egun luzeenetan biltzen zen. Eta lehengo urtekoa sutara. Sanjoan suaren garrantzia. Ez dut ezagutu mihuradun haritzik. Sagarrondoak, udareondoak, ezkiak, sasiakaziak, astigarrak... baina haritzik sekula ez. | news |
argia-33ca133060bb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/laborariek-tresnak-elkarbanatzen-dituzte-zuk-zergatik-ez.html | Laborariek tresnak elkarbanatzen dituzte, zuk zergatik ez? | Itsaso Zubiria Etxeberria | 2015-04-26 00:00:00 | Laborariek tresnak elkarbanatzen dituzte, zuk zergatik ez?
Elgarrekin NMEK. Lekua: Makea (Lapurdi). Bizibidea: Laborantza. Inguruko laborarien antolaketa: Elgarrekin NMEK (Nekazaritzako Makinen Erabilerarako Kooperatibak. Frantsesezko CUMA Coopérative d'Utilisation de Matériel Agricole). Sorrera: 1975eko abenduan sortutako NMEK-k Lekornen (Lapurdi) du lantegia.
Makeako pentzeetan da Antton Uhalde laborari gaztea, egunero bezala bere ardi eta behiekin lanean. Esnetarako ditu lehenak, eta haragitarako, berriz, bigarrenak. Hogeita bost urterekin, badira lau haurtzarotik etxean ezagututako bizibideari heldu ziola; aita erretretan izanik berak hartu baitzuen aziendaren ardura. Elgarrekin NMEKn da sartua gaur egun, etxean irakatsi zioten bezala, eta inguruko 150 laborarik ere hautatua duten moduan. Zehazki zer da NMEK edo CUMA bat?
Laborari eta nekazariek modu kolektiboan elkarbanatzen dute lanerako beharrezko duten tresneria. Horrela, ekonomikoki asko errazten zaie laborariei lanabesak erostea, ez baitio gastuari bakarrik aurre egin behar. Zonaldeka banatzen dira kooperatibak, eta beharren araberako materiala izaten dute. Elgarrekin NMEKn erosten den edo urtean zehar erabiliko den tresna bakoitzeko ez dute kide guztiek diru zati bat jarri behar izaten; laborari bakoitzak erabakitzen du zein material behar duen eta erabileraren arabera antolatzen dute ordainketa. Urtean kuota bat izaten dute aukeratutako makina bakoitzeko, eta ondoren langileak erabilera-orduen arabera ordaintzen du.
Onura ekonomiko eta soziala
Alde ekonomikotik garbi dago laborariari merkeago aterako zaiola materiala kolektiboan erostea; baina alde sozialetik ere badu bere puska. Laborariak bildu egiten dira, elkarrekin lan egiten dute, eta sare sendoak sortzen ari dira. Jabego pribatutik harago taldea osatu dute, eta taldean funtzionatzen dute.
Antolaketarako independenteak
NMEK-k ez daude beste erakunderen baten barruan, eta bata bestearengandik independente sortzen dira. Halere, izaten dute beste NMEKekin harremana, eta zenbait material erosteko bi edo hiruren artean ere egiten dute tratua. Elgarrekin NMEK-k 150 kide inguru ditu eta bi langile dauzkate denbora osoz, kooperatibarentzat lanean. Hauek antolatzen dituzte guztiek garai bertsuan behar izaten dituzten makinen ordutegiak, erabilera-orduak, eskatzen diren tresna berrien hautaketa prozesuak, materialaren mantenua eta abar.
Laborari bat, boz bat
NMEK-ko kide guztien artean hartzen dira erabakiak, eta erosketa prozesuek bere denbora behar izaten dute adostasunera heltzeko. Eztabaidak luze jo badezake ere, azken hitza du laborari bakoitzak, eta bozka bidez erabakitzen da zein material erosi. Hiruzpalau aukeren artean, bakoitzak modu irekian nahi duenari ematen dio boza, eta gehien lortzen dituena izango da aukeratutakoa. | news |
argia-f677ebb09c96 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/tabako-bila.html | Tabako bila | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-04-26 00:00:00 | Tabako bila
Irakurri berri dudan Hain gutun luzea (Mariama Bâ/Iokin Otaegi) eleberriak zer pentsatua eman dit poligamiaren inguruan, hainbat herrialde musulmanetan tradiziozko praktika den horren harira astindu desexotizatzaile ezin osasungarriagoa eskaintzeaz gain, aurreikus nezakeenaren oso bestelako zerbait aurkitu baitut Bâ-ren nobelan, bigarren ezkontza legezkoa gorabehera, zeharo arrotz suertatu ez zaidan gertaera-segida bat: Ramatulayeren senarra, adin ertainera iritsita, andre gazteago bati lotzen zaio. Ahal duelako, dirua daukalako eta hain zuzen horrek alda dezakeelako andre gaztearen pobrezia-patua.
Ramatulayeren ezkon-harremana ez zen bereziki desastrea, ez emaztea txolin zapaldua, ezta senarra ere munstro misogino bat; aitzitik, komedia erromantiko tradizional baten tankera har zezakeen bikotearen istorioak, aise asko: biak ikasiak eta klase onekoak eta Senegalen burujabetzaren aldekoak deskonolonizazio garaietan, elkar desio eta maite zutelako engaiatuak, gurasoen kontrako iritzi zenbaitzuei aurre eginda. Eta, hala ere, aski ez.
Tabako bila joan eta sekula itzuli ez zirenen istorio asko etorri zaizkit akordura. Zigarreta-kaxaren eufemismoari beren-beregi egina bezala deritzot, monogamiaren haustea islatzeko, hain justu ere tabakoa orain gutxira arte oso egon delako gizonei lotua, andre askorentzat matxinadazkoa izan delako erretzea, besteak beste hortzak horitu eta edertasun santuari kalte egiten diolako. Baina gogoa makal utzi nau oroitzapen errenkadak, nahi baino andre erretzaile gutxiago agertu zaizkidalako eta tabako eroslearen zain askotxo, osterantzean jende-modu indartsua izan arren umiliazioari zelan erantzun ezin asmatuta, edo ezinduta, besterik gabe, arrazoi ekonomikoengatik, edo seme-alaben mendekotasunagatik.
Ramatulayek bihotz emanda beste tabako istorio bat etorri zaidan arte.
2001. The Corrections eleberria (Jonathan Franzen). Denise sukaldari arrakastatsuak, lan egiten duen jatetxeko nagusi erakargarri, zoriontsuki ezkondu eta pater familias berdingabearekin flirteoan dabilela, horren emaztea ezagutzen du, andre kaotiko eta maitagarri bat, noski Denisez inolaz ere fio ez dena.
Denisek ere ez du sobera gustuko, oztopotzat hartzen du, bere bizitza gainontzean itzelari falta zaion maitale liraina lortzeko oztopo, maitalegaia zalantzati baitabil, ez aurrera ez atzera, nahi duela argi iradokiz baina egiatan ezer egin gabe, eduki badaukan segurtasun epel eta txepela galtzeko beldur, ziurrenik. Denise tipoaren etxean sarriagotan agertzen hasten da, lanaren aitzakian, harraparitzat baitu bere burua, eta bere eskuetan egoera mugimendurik ezetik ateratzea. Baina zenbat eta emaztea sakonago ezagutu, orduan eta jakin-min gutxiago sortzen dio nagusiak, eta orduan eta argiago ikusten du akaso tipoa bera dela harraparia, akaso Denise bera dela tipoaren familia bizitza orbainik gabeari falta zaion maitale liraina. Eta hori bai ezetz.
Azkenean, beraz, emazte kaotiko baina maitagarriarekin endredatzen da Denise, eta txortan sutsu egitera emanda igarotzen dituzte bizpahiru hilabete, sexu-pasarte esplizituak leitzeari lotuta irakurlea hogeitaka orri, emakumeen arteko harreman afektiboak nolabait espiritualagoak direla gezurtatuta, eta konplizitate hori dena haragira ekarrita, atzamar eta mingain aseezinetara.
Pasioaren bestondoan aurkitzen ditu senarrak, artean hatsanka eta larru hutsean, zigarro banari zupaka. | news |
argia-0facbbcaffe7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/herri-mugimenduak.html | Kideen arteko zaintza lantzea estrategikoa da | Estitxu Eizagirre | 2015-04-26 00:00:00 | Kideen arteko zaintza lantzea estrategikoa da
Herri mugimenduak horizontaltze bidean murgildu dira. Proiektua pertsonek egiten dutela jakitun, talde-bizitzari garrantzia ematen zaio inoiz baino gehiago. Gainditu nahi dituzten eskemak errepikatzeak aldaketarik ez dakarrelako, eta amesten duten gizartea gaurdanik bizitzea gako zaielako helburuak lortzeko.
Joxemi Zumalabe herri mugimenduekin eta herri mugimenduentzat lan egiten duen fundazioa da. Herri mugimendu zer denentz galdetuta, definizio zabalenaren alde agertu dira bertako kide Marta Luxan eta Olatz Dañobeitia: "Gure jendartearekin eroso ez daudenak eta oinarrian dauden gauzak eraldatu beharra ikusten dutenak. Kontzientzia maila, praktika eta antolakuntza eredu oso ezberdinekin". Herri mugimenduak momentu interesgarrian daudela azaldu digute: "Beste une batzuetan ziurtzat jo diren antolakuntzari buruzko zenbait gauza birpentsatzen ari gara mugimenu ezberdinetan. Hausnarketa emankorra izango da etorkizun hurbilean". Orriotara eraldaketa horren hainbat gako ekarri ditugu Joxemi Zumalabe, Bertsozale Elkartea, Bilgune Feminista eta Donostiako Piratak taldeen bidez.
Ez dira betiko garai onenak...
Testuingurua aldatua da bai Euskal Herrian bai munduan. Erronkak eta baldintzak ez dira lehengoak: "Herri mugimenduetan birkokapen bat ematen ari da, baina maila oso ezberdinetan. 30-40 urteotan nahiz eta apurketaren aldeko mugimendu oso bat egon den, sistema garatu egin da ('ongizate' deitzea gehiegi izan daitekeen arren, kontsumoaren kultura, indibidualizazioa...). Baina une honetan hori eteten ari da. Jendea hasi da bere buruari galdezka: nondik hasiko gara erresolbitzen bizimodua, indibidual eta kolektiboki? Mundu antolakuntza honetan, estatua/administrazioa kokatu izan da eskubideen garante gisa. Eta egun (ez lehen) hori ez du bete eta beraz borroka eremu oso bat dago hor. Eta gehitu horri Euskal Herrian gatazka politikoaren beste ziklo batean gaudela. Gatazka politikoak eragin handia izan du kulturalki, testuinguru errepresiboak eragin ditu hainbat funtzionamendu, hainbat logika, dinamiken denborak... Egun trantsizio anitzen garaian gaude". Borroka eremuak ere mugitzen ari direla azaldu du Luxanek: "Lehen zegoen borroka desberdinen arteko hierarkizazioa (garrantzitsuagoak ziren borrokak eta ez zirenak) ezbaian dago eta bizitzaren iraupenarekin zerikusia duten dinamikak mahai gainean jartzen ari dira, hau ezin baitu planetak eutsi. Eta horri lotuta, oso klasikoak ez diren dinamiketan talde berriak sortzen ari dira: elikadura subirautza politizatu eta problematizatzearen inguruko taldeak; 2008tik honako 'krisi' testuinguruari lotuta herrietan eskubide sozialen inguruko taldeak...".
Zergatik ari dira zabaltzen barrura begiratzeko leihoak?
XX. mendeko borroken akatsetan ez erortzea da XXI.ekoen erronka, Dañobeitiaren hitzetan: "Proiektu handi batzuek iparretik galdu dute oinarrizkoa: borroka pertsonak garela. Norberaren jarrerak, norberaren komunitate-auzo-etxea... Borroka egiteko egitura eta bitarteko batzuk sortzen ditugu, baina joera dugu irauli nahi dugun gizarte hori bera errepikatzeko. Egitura eta logika horiek dira pixka bat mugitzen ari direnak, baina oraindik pisu handia dute". Bat dator Bertsozale Elkarteko Aritz Zerain: "Herri honetan proiektua lehenesten da eta badirudi proiektua denaren gainetik dagoela. Baina proiektua pertsonek egiten dute. Elkar zaintzen ez badugu, proiektuak ez du aurrera egiten. Proiektua ez baita ezerezetik sortu eta aurrera doan zerbait". Donostiako Piraten artean ere horren kontzientzia esnatzen ari da, Lander Arbelaitzek azaldu duenez: "Aurten guztion artean erabakitako urteko erronketan, lehenengo hamarren artean hiru zaintzaren eta gozamenaren esparrukoak izan dira. Zaintza praktikan nola sustatu daitekeen proposamenak lantzen ari gara".
Oreka: proiektua-taldea-pertsona
Horra hor orekaren hiru elementuak, edozein erakundek bere egoera osasuntsua den ziurtatzeko aztertu ditzakeenak.
Luxanek azaldu digunez, gakoa da pentsatzea talde bizitzak eragina duela proiektu politikoan: "Lehen ez zen zuzenki lotzen talde bizitza proiektuarekin. Hainbat mugimendu asanbleariotan entzun dugu 'hori txorakeria bat da', 'ez du merezi gure arteko gatazka batez hitz egiteak'... Ez da lotu izan proiektu politikoaren eraginkortasunarekin, proiektu politikoaren bidea taldearen bidearekin, ez bada 'gutxi gara ala asko gara?', zenbakiaren pisuarekin neurtzeko. Baina ez da behar beste landu taldean zer nolako bizitza dugun, taldeari zer nolako espazioa eskaintzen diogun, proiektuak bidean taldea itotzen duen edo lehertzen duen...". Bide horretan oraindik egiteko asko dagoela azaldu dute Zumalabekoek: herri mugimenduetako taldeak kontzientzia hartzen hasi dira baina talde bakoitza kokapen batean dago, eta kolektibo baten baitan ere militante bakoitzak gaia ezberdin bizi du. Ikus ditzagun adibide batzuk:
Piratek taldearen egitura erabat aldatu dute urte gutxian, horizontaltasuna irabazteko. Inaxio Oiarzabalek kontatu duenez: "Sorreratik hamar laguneko lantalde bat zen mugimendu guztiaren antolaketaz arduratzen zena. Duela sei urte, ekimenetan parte hartzen zuten koadrilak antolakuntzan ere txertatzeko urratsa eman zen. Koadrilen mahai edo ordezkaritza sortu zen, baina jarraitzen zuen aurreko hamar laguneko koadrilak egoten. Koadrilen ordezkariek erakusten zuten erabakiak hartzeko ahalmena eduki nahi zutela, erabakiguneetan eztabaidak partekatu nahi zituztela... Duela hiru urte erabaki zen antolaketa orokorra aldatu behar zela eta ez zuela zentzu handiegirik jaietako parte-hartzeaz hitz egiteak guk talde barruan parte hartzea murrizten bagenuen. Horrela sortu zen duela bi urte lehenengo Kofradia eta ikusi zen Kofradiaka antolatzeak bide emango zuela transparentzia ariketak egin eta horizontaltasuna irabazteko". Egun 280 pertsona inguru daude antolatuta Piratetan, Kofradiaka. Zenbait Kofradia auzoka sortu dira eta beste batzuk lan esparruka. Kofradien ordezkariek mahaia osatzen dute, Ontziola deitua, eta bertan gehitzen dira ikuspegi orokorra duten funtzioak: komunikazioa, diru-zaintza eta koordinatzaile orokorrak. Batiste Ezeizak antolaketa aldatzeak parte-hartzean izan duen eragina azaldu du: "Lehen zegoen hamar laguneko koordinazio taldea irekia zen, baina ez zen erraza eta erosoa besterik gabe han azaltzea 'aupa, ni ere zuekin eztabaidatzera eta erabakiak hartzera nator' esanaz. Ikusten genuen kritikatzen genuen horretatik, alegia, pertsona gutxi batzuek erabakitzen zutela denon Aste Nagusia, etxe barruan ere ez geundela oso urruti. Ez hala nahi genuelako, baizik jendeari asko kostatzen zitzaiolako molde horretan parte hartzea. Kofradiekin parte-hartze guneak herritarrengandik gertuago daude (auzoan edo interesguneen bueltan sortuak baitira), eta jendeari errazagoa zaio bertara jotzea. Horrez gain, zenbat eta Kofradia gehiago egon, orduan eta jende gehiago ari da erabakiguneetan parte hartzen. Era honetan proposamenak jasotzeko, eztabaidak emateko, erabakiak hartzeko esparrua pila bat zabaldu da".
Bertsozale Elkarteko kide Esti Esteibarrek azaldu duenez: "Azken hamarkadan, gizartean bezala Elkartean ere egin da sakonagoko kontzientzia ariketa bat, eta egun pertsonen arteko parte-hartzean harremanak, elkar-zaintza eta abar gehiago hartzen dira kontuan. Horren harira Elkarteak 2008an Harremanen Taldea sortu zuen. Eta hortik Genero Taldea sortu da".
Bilgune Feministan gai honen kontzientzia betidanik eduki dutela adierazi digute Idoia Trenor eta Miren G. Arakistainek, baina talde dinamikan hori lehenesten denborarekin ikasi dute. Trenorrek azaldu duenez: "Pertsona batzuek saiakerak egin zituzten urteetan zehar pertsona, taldea, zaintza lantzeko, baina ez zuten lortzen, zegokion garrantzia politikorik ematen ez zitzaiolako. Lehenago kontzienteak baginen ere gai honek duen garrantziaz, 2012an hasi ginen lantzen eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin eginiko saioek balio izan ziguten gai honi dimentsio politikoa emateko eta praktikara ere eramateko". Arakistainek gaia esplizitu egin eta adostearen garrantzia azpimarratu du: "Gauza bat da gaia presente egotea. Baina modu adostuan eta kolektiboan espazioa ematea eta neurriak hartzea beste gauza bat da, alegia, dimentsio politikoa ematea, honi buruzko erabakiak hartzea aurtengo egitasmoa bezain garrantzitsua dela jakitun izatea. Neurriak denen artean adosten direnean, orduan materializatzen dira benetan".
Bakoitzak bere erara baina gaiari heldu dioten hiru talde dira. Dañobeitiak kritikatu du beste hainbat taldetan gai hau politikoki zuzenetik bizi dela: "Leku batzuetan taldea, horizontaltasuna, erabakien parte denok izatea, ikusten da gestio eredu on baten gisa, Kalitateko Q gisa". Aldiz, taldearen eta proiektuaren artean dagoen loturak potentzialtasun handia duela ziur da: "Dibertsitatetik, eragiteko-pentsatzeko-egiteko modu anitzak horizontalitatean artikulatzeko gaitasuna dugunean, proiektuaren abiada eta potentzialitatea biderkatu egiten da".
Zer ederra aniztasuna... Baina nola kudeatzen da?
Bertsozale Elkartea aniztasuna artikulatuz ari da sorreratik. Hasieratik bertako kide dira bertsolari eta bertsozaleak, herrialde bakoitzak berezko elkartea du (hauek oso errealitate ezberdinetan dihardute), belaunaldiak gehituz doaz, soldatapeko (74 langile ditu egun) eta borondatezkoen lana uztartzen ditu, bakoitzaren lan profila oso anitza da (koordinaziotik oso lan kualifikatura)... Ondorioz, Elkartea ulertzeko modu asko daudela azpimarratu digute Zerain eta Esteibarrek. Kezka nagusia borondatezko eta soldatapekoen lana orekatzea omen da. Aniztasuna artikulatzeko gakoa da erabakiguneetan bat egiten dutela hauek denek, eta erritmo pausatuan dihardutela, Esteibarrek azaldu duenez: "Zuzendaritzetan borondatezkoak dira kide gehienak. Zergatik? Elkartearen dinamika handia eta azkarra delako, eta profesionalok oso lan sistematikoa dugulako eta erabakiak hartzeko presa handia, inertziaz. Borondatezkoekin partekatu behar izateak kanpoko begiratua jasotzeko ere balio du. Militanteen begiratu hori oso inportantea da zeren eguneroko lanean batzuetan galdu egiten da perspektiba. Pentsa liteke Elkartea bere funtzionamenduan oso mantsoa dela, baina horrek eragindakoa da. Elkarteak esku artean dituen gaiak batzordeetatik pasatzen dira eta batzorde horietan borondatezko kideak daude, eta erabakiak kontsentsuz hartzen dira. Ez dugu ezer bozkatzen. Guretzat ezinbestekoa da prozedura hori, bestela azkartasunaren izenean parte-hartzea murrizten ariko ginateke eta proiektuak galdu egingo luke aniztasun eta izaera ireki hori".
Hainbat praktika on
Trenorrek azaldu digu nola landu duen Bilguneak sorreratik lidergo konpartitua kontzienteki: "Aniztasuna bermatu nahi genuen lidergo bakarraren aldean. Garrantzia ematen diogu medioen aurrean ahalik jende gehienak Bilgunea ordezkatzeari eta Bilgune Nazionalean asanbladako puntu bakoitza pertsona batek azaltzeari, ahotsak entzun daitezen". Kontzienteki hartutako beste erabaki bat da Bilguneak kideen zaintzarako espazio ere izan behar duela, eta hainbat ekintza zehatz burutzen dituzte horretarako. Adibidea jarri du Arakistainek: "Herrietako taldeetan asko hitz egiten dugu bakoitza nola dagoen, pertsonalki, aukeraz eta disponibilitatez, gogoz, asmoz, taldean nola gauden..." eta proiektua kideen indarren arabera egokitzen dute tarteka: "Adibidez, deskantsuak hartuz edo gauzak beste modu batera planteatuz. Proiektuak mugatzea zaila da baina ikaskuntza bat, era berean". Lehentasunak markatzea eta gai urgenteak eta ez direnak bereiztea ezinbestekoa dela argi dute.
Parte-hartzearen ikuspegi orokorra landu dute Bilgunean, Arakistainek ohartarazi duenez: "Parte hartzea ez da hitz egitea bakarrik. Parte hartzea da entzutea, eta denon artean gutako bakoitza eroso egoteko moduak bilatzea. Parte hartzea presentzia da. Garrantzia ematen diogu entzuteari, eta ez hitza bakarrak bereganatzeari". Horizontaltasuna bermatzeko metodologia gakoa dela gehitu du Trenorrek: "40 kideko asanbladetan denen hitza entzun dadin errondak asko erabiltzen ditugu baina gaia landu genuenean jende askok esan zuen errondetan ez zela eroso sentitzen. Hartu genuen neurrietako bat izan zen errondak gutxitzea. Badakigu pertsonek mugak izan ditzaketela jende askoren aurrean hitza hartzeko eta horregatik talde txikitan egiten ditugu lanketak, denon ahotsa islatuko dela bermatzeko". Gaiak teoriatik lurrera, bizipenetara ekartzea da parte-hartzea bultzatzeko beste bideetako bat, Trenorrek azaldu duenez: "Kontzienteki prestatzen dira bilerak; teoria ezberdinak partekatzen ditugu kontzeptuak argitzeko baina lanketa pertsonala izaten da, zentroan bizipenak jartzen ditugu".
Esteibarrek azaldu duenez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartean kideen arteko gatazkak eta gaizki-ulertuak gainditzeko kultura zabaltzen ari da: "Talde lanak aukera handia ematen du norberak bere burua ezagutzeko. Zerbaitek tentsioa sortzen duela ikustean, ahalegintzen gara norbere barrura begiratzen, norberak hor zer parte izan duen aztertzen. Kultura aldaketa handia eman da".
Bertsozale Elkarteak hainbat gai estrategiko prozesu parte-hartzaileen bidez landu ditu azken urteetan. Baita Piratek ere, ezkerreko koadroan ikus daitekeenez.
Boterea dantzan
Zergatik kostatzen da zenbait gunetan aldaketa? Dañobeitiak ahobilorik gabe jaulki du: "Antolaketa kuestionatzeak dakarrelako zenbait pertsonen botere eremuak kolokan jartzea, eta horrek erresistentziak sortzen ditu". Aldaketa esplizitu egitearen garrantzia azpimarratu du Arakistainek: "Ez bada esplizitu egiten eta adosten, erresistentziak ezkutuan geratzen dira, eta erresistentziak denok eduki ditzakegu, gai honek eremu pertsonala ukitzen baitu. Egia esan, Feminismoak mundua bizitzeko eta ulertzeko gakoak eskaini dizkigu; artean, botereaz, zaintzaz, edota subjetibotasunaz eta kolektibotasunaz pentsatzeko aukerak". Trenorrek dio Joxemi Zumalabekoek gidatutako saioek balio izan zutela gaia landu eta zegokion dimentsioa emateko: bideratzeko: "Kosta egiten da onartzea eta ikustea botere banaketa edo mailaketa bat badagoela gure artean. Klabea izan zen horretaz hitz egiteko espazioa eskaintzea". | news |
argia-5c38f747e471 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/eta-greziak-badio-bere-zor-publiko-asko-bidegabeak-direla.html | Eta Greziak badio bere zor publiko asko bidegabeak direla? | Pello Zubiria Kamino | 2015-04-26 00:00:00 | Eta Greziak badio bere zor publiko asko bidegabeak direla?
Lehenbiziko aldiz historian Europar Batasunaren barruko legebiltzar batek batzorde ofizial bat izendatu du herrialde horrek daukan zor publikoaren auditoria egiteko. Greziak sortu duen "Zorraren Egiari buruzko Batzordea" aurrekari berritzaile bilakatu daiteke baldin eta bestetan, agian Euskal Herrian, ereduari jarraitzen hasten bazaizkio.
EAE edo Nafarroaren zorrak auditatuko dituzten batzorderik ikusiko ote da Iruñea edo Gasteizko legebiltzarretan? Pentsa ezinezkoa zirudien, zor publikoen auditorien kontua orain artean neoliberalismoaren kontrako talde ezkertiarren aldarrikapena baizik ez zelarik, Europan bederen. Martxo hasieran, ordea, Greziak ipini du aurrekari berria: dagoenekoz Europar Batasuneko legebiltzar bateko batzorde berezi batek ikertzen ditu herrialdearen zor itzelak, erabakitzeko horietatik zenbat diren legezko bezain ordaindu beharrezkoak, eta zenbat bidegabeak.
Eric Toussaint ekonomialari eta lider altermundialista belgikarra pasatu da joan den astean Euskal Herritik, baina oraingoan ez da etorri 2013an bezala Hirugarren Munduko Zorraren Auditoriarako Komitearen (CADTM frantsesezko sigletan) lider moduan. Martxo hasieratik Toussaint da Greziako legebiltzarrak abian jarritako Zorraren Egiari buruzko Batzordearen lehendakaria. Gizarte mugimendu baten ordezkari izatetik legebiltzarreko batzorde baten buru izatera dagoen jauziak erakusten du gaiak eztabaida publikoan hartu duen garrantzia.
Zorraren auditoria egingo dute Greziako batzordean, azken urteotan pilatutako 300.000 milioi euroko maileguen erradiografia. Toussaintek garbi utzi du ez dagokiela gobernuari zorretatik zein ordaindu eta zein ez gomendatzea. Bestalde, ikerketatik kanpo utziko dituzte II. Mundu Gerran Alemaniako armadak Grezian egindako txikizioen kalte-ordainak eta naziek hartu arazitako maileguen kitatzea.
Zer aurkituko duten 300.000 milioi horien artean? Ekainean jakinen da. Baina martxoan bertan batzordeko kideek aurreratua zuten lehen azterketa batean identifikatu zituztela 53.000 milioi ez legezkotzat salatzeko modukoak.
Lau motatako mailegu eta zorrak nabarmendu nahi dituzte Greziako auditorian. Lehenik, zor bidegabe edo ilegitimoak, administrazioak herritar guztien interesaren kontra gutxiengo baten mesedez egindakoak. Bigarren, zor ez legezkoak, ilegalak, Greziako edo Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetako lege eta arauak urratuz egindakoak.
Hirugarren multzo bat osatzen dute zor gorrotagarriek, hau da, jendeen oinarrizko eskubideak (osasuna, hezkuntza, zahartzaro duina...) urratzearen gain hartutakoak. Eta laugarren multzoan, iraunkortasun edo jasangarritasun printzipioa urratzen dutenak; herritarren bizimodu duina mantenduz ordaindu ezinekoak direla jakinda ere onartu diren zorrak.
Hamar herrialdetako 30 kidek osatzen dute Greziako Zorraren Egiaren Batzordea, gaia ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko: ekonomia, nazioarteko legeria, giza eskubideak, eta abar. Gomendiorik idatzi ez baina argudioak eskainiko dizkiete Atenasko agintari berriei, nazioarteko hartzekodunei aurre egiten eta zorra berregituratzen –zati bat eteten– lagunduko dietenak.
Bankuak salbatzeko makina
Toussaintek badu dokumentu bat martxoan bertan ipinia CADTMren webgunean Greziako batzordearen lanak nondik joan daitezkeen aurreratzen duena: " Pistes pour l'audit de la dette de la Grèce ". Leitzekoa da.
2009an Greziak, dio Toussaintek, zor zuen bere Barne Produktu Gordinaren %119 eta Troikak eskua sartu duenetik –Troika da gaur zorraren %80ren hartzekoduna– igo dira %185eraino. Troikak zorpetzea handitzea eragin du, beraz, baina operazio horrek balio izan du Europako banku handiek, nagusiki frantziar eta alemaniarrek, Grezian zeuzkaten maileguak Troikaren bizkar pasatzeko zor bihurtuta. Bankuak libratu arrisku orotatik, instituzio publikoak lokaztuz.
" Arte telebistak eskainitako dokumental batean Paulo Nogueira Batista, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) zuzendari exekutiboak aitortu zuen NDFko buru guztiek zekitela mailegu hura ematea zela 'ez Grezia baina banku frantziar eta alemaniarrak salbatzea'". (...) Horrela jarri da Troika Greziaren hartzekodun nagusi 2010eko amaieran, banku pribatu europarren lekuan".
NDFk Grezian egin duen lana ere fiskalizatuko dute bide batez. Demostratuko omen dute erakundearen zazpi zuzendari exekutibo memorandum berriaren kontra zeudela, nabarmena zelako Grezia ez zela gai izango zor hura ordaintzeko. Ez hori bakarrik: "Garai hartako [George Papandreuren] gobernu greziarrak, NDFko [Dominique Strauss-Kahn] zuzendariarekin elkar hartuta, bere administrazioari eskatu zion estatistikak faltsutzea, NDFrekin birfinantziatzea lortzeko".
Troikak ezarritako memorandumak greziarren ekonomian bezala eguneroko bizimoduan eragindako kalteak nabarmenak izan dira. Auditoriak orain erakutsi beharko du zorrak berregituratzearen truke Greziako estatuari ezarritako politikek eta klase guztietako murrizketek zenbateraino urratu dituzten bertako eta nazioarteko legedi eta arautegiek bermatutako eskubide pertsonalak eta kolektiboak.
Baina Troikak eskua sartu aurretik egindako zor handiak ere ikertuko dituzte. 1967tik 1974ra artean koronelen diktaduran lau halakotu zen zorpetze publikoa. Toussaintek nabarmendu du 2004ko Joko Olinpikoek utzitako zuloa ere. Aurretik iragarri bazuten 1.300 milioi euro kostako zirela, olinpiaden biharamunean agintariek aitortu zuten 14.200 milioi xahutu zituztela (hamar halako!), eta badira adituak zifra 20.000 milioitan jarri dutenak.
Ildo gehiago ere arakatuko ditu ikerketak, hala nola Thyssen konpainia alemanak saldutako urpeko ontzi matxuratuen eskandalu garestiarena, PASOKeko agintarien artean eskupekotan mila milioi euro laga zituen Siemens multinazional alemanarena, eta abar luzea.
Batzordeak lana amaitutakoan, Syrizako gobernuak eskuetan edukiko du argudio sail bat nazioarteko hartzekodunei, pribatuei bezala Troikari, 300.000 milioiko zor itzelaren zati bat kitatzea proposatzeko. Bitartean, Alemaniaren zor historikoa ikertu duen batzordeak ere zehaztua izango du berea.
Esan gabe doa Greziak egin beharreko hautua politikoa izango dela eta argudio horiek adina edo gehiago neurtu beharko dituela etxean bezala nazioartean dauzkan indarrak. Zorraren zati handi bat ordaintzeari uko egiteak ondorio handiak ekarriko baititu.
Baina bidean batzordeak lortua izango du Europan orain arte falta zen argazki bat: oligarkia neoliberalek herrialdetako diru publikoak nola zurrupatzen dituzten erakusten duen erradiografia. | news |
argia-424d7779f67a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/panfletotik-harago-nola-kantatu-politikoki.html | Panfletotik harago, nola kantatu politikoki? | Kepa Matxain | 2015-04-26 00:00:00 | Panfletotik harago, nola kantatu politikoki?
Kantu politikoak ezaugarri eta gaitegi jakin batzuekin lotu izan dira betidanik Euskal Herrian. Eskema horiek oraindik indarrean badaude ere, bestelako apustuak agertzearekin bat mahaigaineratu da musikan eraldatzaile izateko moduei buruzko eztabaida. Orain eta hemen politikoki kantatzerakoan zeri erreparatzen dioten azaldu dute Andoni Tolosa Morauk, Pottors ta Klito taldeak, Ibon Rodriguezek eta Maite Arroitajauregi Mursegok.
Larrialdi uneetarako kantu politikoak egin asmoz agertu zen Espainiako musika panoraman Fundación Robo kolektiboa, duela lau urte. Hura osatzen zuten musikarien ahotan, mezu argi bat: modernitatearekin bat politikaz kantatzea itsusitzat jo zela, politika ulertuta zentzu hertsiegian –auzi konprometituez modu agerikoan kantatzea–, eta gisa horretako kantuak bezain politikoa dela itsas bazterretik bizikletaz egindako arratsalde-pasa mintzagai duena. Funtsean, kantu oro dela politiko; establishment a auzitan jartzen duen ala hura indartzen duen erreparatzea, gakoa. Eta, gauzak horrela, kantuetan politikaz hitz egiteari beldurra galdu behar zaiola.
Fundación Robok Espainiako musikagintzari egindako kritika horrek nekez balio du Euskal Herrirako, ordea. Hemen, egun, auzia da ez ote gabiltzan gertuago beste muturretik, 80ko hamarkadako inertzia batzuei segika, mezu politiko jakin batzuk esplizituki eta era masibo samarrean kantatuz, deus eraldatzailea bailitzan. Hala iruditzen zaio, behintzat, Andoni Tolosa Morau ri: lehen iraultzailea zena kasik mainstream bihurtu dela Euskal Herrian, eta, hortaz, bere indar iraultzailearen potentzialitatea galdu duela. Izan ere, oraindik "kantu politikoa" hitz elkarketa Morauri mesfidantza eragiten dioten ezaugarri jakin batzuekin lotu ohi da bazterrotan. "Topikoz betetako kantuak egiten dira, eslogana bilatzen dutenak esanahia beharrean. Hainbesterako, askotan zalantza egiten baituzu ea musikari hori benetan ari den, ala, erosotasunez, gizartean nagusi den bidea baino ez duen hartzen". Guztiz bat datoz Pottors ta Klito taldekoak ere. "Talde panfletario asko dago", diote, "salaketa egiten dute letretan, hori egiteak salgarriago bilakatzen dituelako eta zenbait gunetan kontzertuak jotzea bermatzen dielako. Sarritan, ordea, ez dute hitz horiekiko oso era koherentean jokatzen".
Euskal Kantagintza Berriko protesta kantuak, Euskal Rock Erradikalaren lelo zuzenak... hemen kantu politikoak betidanik lotu izan dira gatazkaz aritzearekin. Joera hori ulertzekoa den arren, Morauren ustez, beste gai asko albora utzi dira. Pottors ta Klitokoek nabaritzen dute garai berriotan hainbat talde hasi dela beste gai batzuk politikotzat jotzen, harremanak, kontsumoa edota sexualitatea, esaterako. "Aspalditik ezagunak zaizkigun borroka euskaltzaleari, antikapitalistari edo antiarrazistari batu zaizkie beste batzuk, feminista edo animalista, adibidez". Iruditzen zaie konplexutasun politiko horrek asko aberastu duela musika eszena, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko. "Norbait animatuko al da Euskal Herrian queercore talde bat sortzen?", bota dute itauna airera.
Galderak, badira gehiago ere. Inoiz baliagarri izandako hainbat formula zukutzearen zukutzeaz agortuta daudela dirudien garaiotan, nola kantatu politikoki? Nola egin musikalki apustu eraldatzaile bat? Ze ezaugarriri erreparatu kantu politiko onak egiterakoan? Erantzun borobilik ez da agertuko lerrootan, ziur asko. Zantzuren bat edo beste, izatekotan.
Ironia eta umorea
Maite Arroitajauregi Mursego ri zaila egiten zaio hitz esplizituki politikoak egitea panfletoan erori gabe. Horregatik, hitzetan baino, bestelako hautuetan ezartzen du bere jardunaren pisu politikoa. Dena dela, kantu politiko baten hitzak interesgarri bihurtzeko bi osagai bururatzen zaizkio: ironia eta umorea. Azken aldian entzun duen diskorik politikoena Morau eta Beñardoren Arrainentzako himnoak iruditzen zaio, hain justu ere, gizartearen kronika umorez egiteko duten abileziagatik. Disko horretako kanturik onena, ostera, Hondarribia 2012 : "Filma bailitzan kontatzen du alarde egun bat".
Rodriguezek ere sumatzen du faltan ironia eta umorea, norbere lanarekiko bereziki. "Sakontasun eta nahikeria larregi dago euskal musikan", dio. Berak ez dio hitzari ia garrantziarik ematen. "Onartzen diodan pisu bakarra ez dagokio hitzaren mezu semantikoari, baizik eta sakonagoko ezaugarriei: hizkuntzaren, hitzen eta silaben aukeraketa, erabilitako erregistroa eta ahoskera, ahotsaren erabilera...". Hortaz, hitz abstraktuak erabiltzen dituzten taldeak, musikarekin batera irudiak edo sentsazioak sorrarazten dizkiotenak, zaizkio eraldatzaileenak. "Tradizioagatik estilo batean espero ez dituen hitzekin topo egiteak ere liluratzen nau".
Topikoetatik ihes
Kantu politiko on bat egin nahi duenaren lehen kezka topikoetatik ihes egitea izan behar du Morauren ustez, kontatu nahi duena modu interesgarri batean kontatzea. Horretan saiatu zen Mursego, adibidez, Cumbia villera de la ciudad armera egin zuenean. "Kunbia bat egin nuen, mendebaldean joera dugulako hegoaldetik datozen genero guztiak –bachata, reggaetoia...– gutxiesteko. Kantu horren bidez immigrazioak dakarrena aldarrikatu nahi nuen, kanpotik etorritakoa geurea bihurtu".
Louise Bourgeoisen Otte poemaren bertsioarekin, ostera, hizkuntzaren baitan –agerian ala ezkutuan– dauden matxismo eta mikromatxismoak salatu nahi izan zituen. Bestalde, gertatu zaio hasiera batean batere asmo politikorik gabe egindako zenbait kantuk ondoren irakurketa politiko oso garbiak edukitzea, Europa zaharreko banpiroen guda k edota Donki Kongu k, kasurako.
Koherentzia
"Kantatzen duenarekiko musikariak duen koherentzian dago eraldaketaren gakoa", diote Pottors ta Klitokoek. Alegia, mezua ez dela hitzetara soilik mugatzen, haiek bezain garrantzitsuak direla, esaterako, taldekideen arteko harremana, taldeak entzuleekin eta beste musikariekin duen hartu emana, taula gaineko, atzeko eta azpiko jarrerak eta rolak, hizkuntzaren hautua, parte hartzen duten kontzertu eta jaialdien izaera...
Rodriguezi bururatzen zaizkio gehiago: diskoaren azala, banaketa, kantuaren eskubide komertzialak, euskarria, saltokia, prezioa… "Faktore horiek guztiak kantatzen den mezua bezain garrantzitsuak dira. Eta baliteke ondorio horretara heldu izana, atal horien artean desoreka handiak nabaritu izan ditudalako".
Iritzi berekoa da Morau. "Sortzaileok, pertsona publiko gisara, mezu politikoa jarreretara eraman behar dugu. Ezin du lubakirik egon kantatu, esan eta egiten dugunaren artean". Mursegok ere erabaki txiki horien bidez ematen dio zentzu politikoa bere jardunari: diskoak argitaratzeko eta zabaltzeko modua, prezioa, zuzenekoetan transmititzen duen energia, lanarekiko konpromisoa... erabaki politikoak, guztiak ere. Zer politika motakoak diren, ordea, entzuleak erabaki behar du, Rodriguezen ustean: "Musikariaren erabakiek interpretazio asko izan ditzakete, baita hasieran zituen asmoen guztiz kontrakoak ere. Argi dudana da prozesu osoak duela eragina irakurketa horiek egiterakoan, musika ez baita noten eta soinuen kateatze hutsa".
Musikalki eraldatu
Hitzak garrantzitsuak direla dio Morauk, baina gehiegitan gutxiesten dela kantuaren beste osagarri nagusia: musika. "Musikarena, ordea, oso hizkuntza abstraktua da, eta zailagoa da haren gaineko diskurtso politikoa formulatzen". Hala ere, nabarmena iruditzen zaio Euskal Herrian musikalki egiten den diskurtso kontserbadorea. "Kantagintzaren eduki politikoa pobretzen du horrek, eta pena da, indar eraldatzaile handia suma daitekeelako musikarien artean".
Gizarte gaiez ez hitz egiteak ez du zertan haiek saihestea esan nahi, Pottors ta Klitokoen arabera. Kantu bat izan daiteke, adibidez, estetikoki apurtzailea. "Zer da Mikel Laboaren Baga, biga, higa, aliterazio hutsa, ala harago doa?", galdetzen dute. Mursegok ere antzera pentsatzen du: "Egun gustukoen ditudan euskal taldeek ez dute, oro har, gizarte arazoei buruz hitz egiten. Lehengoek bai: Dut, Bap!, Anestesia, Balerdi Balerdi, Ciclos Iturgaitz edo Joseba Tapiak bazituzten aldarrikapen kantuak".
Euskanta eredu
Rodriguezi bururatzen zaio zein den euskal munduko apusturik eraldatzaileena: Euskanta , Erromako hainbat ikastetxetan martxan den egitasmoa. Bertako haurrek poema bana idazten dute italieraz, eta Alex Mendizabal musikari eta Associazione Culturale Euskarako kideak euskaratu egiten ditu. Ondoren, musika tresna bana hautatzen dute umeek, eta hura joaz, zati instrumentalak grabatzen dituzte. Azkenik, ahots doinuak inprobisatzen dituzte zati instrumentalaren gainean, euskaratutako poemetako hitzak baliatuz.
Rodriguezen ustez, Euskanta k ederto erakusten du hitzaren balioa zein izan daitekeen, zein indartsua eta zein ahula aldi berean. Italieraz sortzen dute, eta euskaraz kantatu, euskaraz jakin ez arren. "Esanahi lausokoak izaten dira kantu gehienak, umeen jolasak. Baina Euskal Herriko hezkuntza sisteman haurrek ez dute kantu bakar bat ere sortzen. Ez al da iraultzailea?". | news |
argia-547c5b662db7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/euskalgintza-berritu-ala-hil.html | Kolpe bat mahai gainean arnasa berritzeko | Lander Arbelaitz Mitxelena | 2015-04-26 00:00:00 | Kolpe bat mahai gainean arnasa berritzeko
Euskalgintzaren muinean zerbait mugitzen ari da. Euskaltzale asko kezkatuta dago. Ziklikoa da. Euskal Herrian aro politiko berria zabaldu den honetan euskararen borroka bazterrean geratzen ari al da? Nola lortu euskalgintza impasse egoera honetatik atera eta euskararen normalizaziora bidean salto handi bat ematea?
Ikaragarrizko abiadan doa mundua eta gakoak aldatu egin dira. Diskurtso eta jokamolde zaharrak aldatzeko ordua iritsi dela dirudi. Pauso kualitatiboak emateko baldintzak badaudela sinesten dute askok. Ezagutza zabaltzen jarraitzearekin batera, erabileran jarri behar dira indarrak. Horretarako diskurtso erakargarri bat eta borondate politikoa behar dira. Borondatea jendartearen esparru guztietan.
Egoeraren diagnostiko laburra egiteaz gain, aurrera begira jarri gara Larrun honetan. Euskalgintzan erreferente diren hainbat pertsonarekin mintzatu gara, hala nola, Koldo Izagirrerekin, Lorea Agirrerekin, Kike Amonarrizekin eta Miren Amurizarekin. Honekin batera hainbat euskaltzalek batean eta bestean argitaratu dituzten ideiak biltzen saiatu gara, irakurlea aldez aurretik abisatuz, jende interesgarri askoren gogoetak kanpoan geratu direla.
Orokorrean, ideia argia da: kolektiboki ahaldundu eta aurrera pauso bat emateko garaia da.
*****
"Mesedez, kendu Artzeren oharra, ez du ezertarako balio eta mezua aldatu behar da: 'Hizkuntza bat galtzen da ez dakitenek ikasten ez dutenean'. Urepelen izan den kataluniar bat. Milesker anitz". Egurrezko paretan txintxetekin jarri dute paper puska batean norbaitek eskuz idatzitako oharra. Gaizka Aranguren nafarrak sareratu du argazkia Korrika Euskahalduntzearen aldarria Euskal Herrian barrena zabaltzen ari den bitartean.
Handik egun gutxira, Bilbon milaka lagunen aurrean, eskuz esku ibili den mezu sekretua irakurriko du Jakin eko zuzendari Lorea Agirrek. Manifestu sakon eta zorrotza eskaini dio euskalgintzari. Honela hasten da:
Auzia ez da izan ala ez izan
Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori.
Kontua ekitea da.
Egitea.
Egiten duguna gara.
Izatea egitea da.
"Oso kontziente nintzen mezu garrantzitsua izango zela kanala inportantea zelako, eta manifestu bat idatzi nahi nuen, ekarpen bat egin nahi nuen". Jakineko bulegoan hartu gaitu Agirrek. Bere hitzetan, azken 20 urteotan gai hauekin atzera eta aurrera dabil euskalgintza. "Oinarriak banituen: arazo politikoa da, elkarbizitza arazoa, justizia soziala eskatzen dugu. Ez dira gauza berriak. 1967an Joxe Azurmendik idatzi zuen nahiz eta egun berriz ateratzen ari diren".
'Euskahaldun' lelopean milaka euskaltzale kalera atera ditu Urepelen hasi eta Bilbon amaitu den Korrikak. AEK
Lurrikaratxoa euskalgintzan?
"Inertzia zaharrak astintzeko unea da". Kike Amonarriz soziolinguista eta telebistako aurkezleak argi du: Euskalgintzaren eskemak 1970eko eta 80ko hamarkadetan oinarrituta daude, egoera erabat aldatu den arren. "Aurrera jauzi bat egiteko unea da".
"Birsortzeko garaiak dira –dio Idurre Eskisabel unibertsitateko irakasleak apirilaren 2an Berria n idatzitako zutabean –, ken diezaiogun euskarari esentziaren lasta, eta uler dezagun euskarak ematen digula txiki, bestelako eta askotarikoaren ikuspegia, geure bagara ez ezik mundua dibertsoago, justuago eta demokratikoago egiteko begirada ere".
"Inflexio puntu batean gaudela uste dut". Miren Amuriza bertsolariak pentsatzen du agortuta dagoela urte luzez erabili den diskurtsoa: "Jada ez du balio gure altxorra munduko hizkuntzarik zaharrena dela esateak eta are gutxiago euskaldunak beti biktima edo superbibiente moduan aurkezteak".
Iruñeko Euskalerria irratiko kazetari Juan Kruz Lakastak Berrian (hizkuntza) politika zaharra gibelean uzteko unea dela adieraziz zutabea idatzi du . "[Podemos alderdiak] ezker espainiarraren indarguneak eta ahulguneak aztertu ditu, eta diagnosi horretan oinarriturik ahalmen hegemonikoko subjektu eta diskurtso politiko berriak eraiki ditu, tresna eta diskurtso zaharren alderdi ahulak, zamatzaileak kimatuz, eta erakargarriak zein berriak hauspotuz. Ariketa inteligentea da. Ene uste makalean euskalgintzak halako ariketa baten premia dauka".
Gorka Bereziartua ARGIAko kazetariak gai berari heldu dio Demokrazia linguistikoa eztulka 2014 urtekariko artikulu nagusian. "Ez aurrera eta ez atzera zegoen sistema-eragilea reseteatzea aukera ona izan daiteke indar-korrelazioak aldatzeko eta diskurtso nagusitik kanpo zeuden gaiek bestelako protagonismoa hartzeko. Momentua probesten jakin behar. Eta momentua orain da. Gaur bihar baino hobe. Atzo gaur baino hobe. Euskaraz bizi nahi dugunok ari ote gara aukera baliatzen? Ezetz esango nuke. Eta hori ere ez dugu berri-berria".
"Aldaketa batzuk ematen ari dira, eta ikusten da krisi puntu batean badagoela", Lorea Agirreren aburuz sentsazio hori oso ongi etor dakioke argumentu berrien bila euskararen normalizazioan lan egiten duen mugimenduari. "Zergatik jarraituko dugu euskaldun izaten? Bukatu dira erantzun eta teoria handiak. Egin, egin, egin, hanka sartu, egin, egin, hanka sartu, egin, egin eta zentzua eman; hori da bidea".
Irlandako eredura edo hizkuntza normalizaziora
Kike Amonarrizen ustez, etapa bat amaitu eta beste berri baten hasieran gaude. "Prozesu historikoak dira hauek, eta amaitu zaigu euskara batuaren sorrerarekin, euskararen instituzionalizazioarekin eta onarpen sozialarekin hasi zen aroa".
50 urtetik gorako belaunaldiak ondorengoen sorrera edo garapena ikusi du: euskara batua, ikastolen mugimendua, D ereduaren hedapena hezkuntza sarean, EiTB, euskararen instituzionalizazioa, euskara zerbitzuak, euskararen aldeko mugimendua, EHE, euskara elkarteak, helduen alfabetatzea...
Miren Amuriza kontziente da bere belaunaldiak asko jaso duela. "Frankismotik aurrera eraiki, eraiki eta eraiki aritu ziren urte luzez eta bazirudien eraiki beharreko dena eraikita zegoela. Orain gure belaunaldikoon lana desberdina da: alde batetik eraikinak berriztu behar ditugu; dekorazioa aldatu, ate eta leiho gehiago jarri eta agian hormaren bat bota ere bai… deseraiki". Bere iritziz espazio berriak sortzen ere jarraitu beharra dago. "Guk jaso dugu, asko, baina uste dut eman desberdin egin behar dugula".
Manex Agirre euskara teknikari eta bertsolariak Arabako euskalgintzari buruzko artikulua idatzi du Jakin aldizkariaren urtarrila-otsaileko 205 zenbakian. Bere hitzetan, Araban transmisio bide berriak ireki dira belaunaldi berriarekin. Hezkuntza euskalduna jaso dutenei heldu zaie guraso izateko sasoia, eta horrek, familia bidez euskara transmititzeko aukerak sortzen ditu, orain hamar urte ez bezala.
Amonarrizek nabarmentzen du egun 30 urteren bueltan dabilen jendea "beste klabe batean" dagoela. Aurretik egindako lorpenekin jaio da, beraz, aurrera pauso kualitatiboren bat eman ezean, atzera egiteko arriskua ikusten du, "ez soilik erabileran, baita jarrera eta motibazioan ere". soziolinguista honen ustez, hurrengo belaunaldian, hurrengo bi hamarkadetan, "jokatzen dugu Irlandarako bidea ala Europako hizkuntza normalizatuen bidea hartzen dugun".
Hizkuntzen arteko botere harremanak
"Euskalduna matxinatzen bada, bere hizkuntzak nozituko du. Hizkuntza arazoek arazo sozialen alderdi linguistikoa osatzen dute", adierazi zuen Izagirrek Autopsiarako Frogak -en. "Bai monarkian, bai errepublikan, bai diktaduran, bai postfrankismo luze honetan horrela izan da. Autonomia politikoan dauzkagun lurraldeek ez dute subiranotasunik, eta ondorioz euskara hizkuntza toleratua da. Euskarak bizi duen gatazka, beste gatazka baten itzulpena da, nolabait esan: Madrilek epaitzen du, Madrilek arautzen du, Madrilek… hots, gaztelaniak euskararen mugimendu guztiak zelatatzen ditu. Subordinazio linguistikoa subordinazio politikoaren isla da".
Hizkuntza bakoitzak bere boterea du. Hizkuntza bakoitzak bere kapital linguistiko eta kulturala du. Hizkuntza bakoitza hegemonian ala azpian dagoen ikusten da. "Argi esan behar da, borrokan daude", dio Lorea Agirrek hizkuntz ekologiaren teoriari erreferentzia eginez.
"Hizkuntza bakoitzak kapital politiko eta ekonomikoa du, hizkuntza bakoitzak boterea du gizartean zu leku batean ala bestean kokatzeko. Itzulpenak itzulpen, Europako Legebiltzarrean agerian geratu da ingelesa ama hizkuntza dutenak botere posizio batetik mintzatzen direla hizkuntza hau ikasi behar izan dutenekiko. Hori boterea da".
Hizkuntza minorizatuaren aldeko politika guztiak, hizkuntza hori hegemonian jartzea, arnasguneak sortzea edo murgiltze ereduak garatzea kasu, hizkuntza handia eremu batzuetatik ateratzea, minorizatuarentzat oso ona dela frogatuta dago Agirrek dioenez. "Badakigu hizkuntza guztientzat ona dela, eta handiarentzat ez dela inongo kaltea. Ez dio ezer suposatzen. Txikia laguntzea denentzat ona da".
Lorea Agirreren ustez euskarari buruz hitz egitean ez da ahaztu behar injustizia sozial bati buruz ari garela. Horregatik ezin da eskatu tratu bera hizkuntza guztientzat.
Dokumentatuta geratu denez, azken mendeetan euskararen aurkako hizkuntza politikak aplikatu dituzte
Espainiako eta Frantziako gobernuek, frankismoan euskara erabat debekatzera iritsiz. Argazkian liburu erreketa 1936an. (Arg: Euskal Memoria)
Jarrera aldaketaren beharra
Erronka nagusia jendeak euskaraz egitea da Miren Amurizaren ustez. "Aspaldion asko entzuten da eta bat nator adibidez ahalduntzearen ideiarekin; biktimismoa albo batera utzi eta indartu egin behar dugu, baikorrak izan".
Euskal hiztuna, hiztun den heinean, minorizatua da, pertsona eta kolektibo gisa. Agirrek ere feminismoarekin lotzen du planteamentua: "Guri zor zaigu justizia soziala, berdintasunerako politika batzuk, baina zor zaigu horrek askotan ez du ezer esan nahi. Zer egin behar dugu hori lortzeko? Feminismoak erakutsi digu: emakumeei zor zaizkie mila gauza, baina ez zaizkie emango ez badute plaza publikoan jarrera bat hartzen, berdin ekologismoarekin, berdin etorkinekin, berdin langileen baldintzekin. Justizia soziala nola borrokatuko dugu? Gu minoritario izan arren, bilakatuko gara hegemoniko, edo zentral, edo debatean garrantzitsu, edo baldintzagarri?".
"Jarrera aldaketa behar dugu". Amonarrizek ere hala uste du. "Euskarak zentralago izan behar du, inplikazio handiagoa behar dugu. Salto horrekin lortu behar diogu hurrengo belaunaldiari hizkuntza eskubideak bermatuta izango dituela, hizkuntzaren erreprodukzio soziala bermatuko dela, erabilera areagotuko dela nahiz eta jakin euskara Euskal Herriko hizkuntza erabiliena izateko hamarkada asko geratzen zaizkigula".
Amonarrizek defendatzen du oso nabarmen ikusarazi behar dela Euskal Herrian euskara hizkuntza erabilia eta bizitzeko derrigorrezko hizkuntza dela. Bai, derrigorrezkoa. "Euskararen biziraupenetik normalizaziora salto egitea bada helburua, hor arrisku batzuk hartu behar ditugu eta derrigortasuna behar da. Hizkuntz eskubideak bermatzea, erabilera bermatzea, euskara derrigorrezko bilakatzea esparru nagusietan. Batez ere administrazioan eta botereguneetan".
Inposizioaren diskurtsoa txikitu
Ageri zaio Koldo Izagirreri gaiarekin kezkatuta dagoela. 2010ean argitaratu zuen Susa argitaletxearekin "Autopsiarako Frogak, artseniko aztarnak gure hizkuntzan" liburua, Espainiatik eta Frantziatik euskara desagertarazten saiatu direla agerian utziz, eta salatuz gaur egun ere hizkuntza normalizazioren bidean emaniko edozein pauso oztopatzen dutela sektore politiko batzuek.
"Metaketa handi bat neukan, tumore bat: euskara inposatu egiten zela; medikuntza on bat izatea zela helburua, ez medikuntza euskaldun bat; ingelesa haurtzarotik hasi behar dela ikasten; fisika eta matematika alorrak indartu behar zirela eskolan; euskarak erakarri egin behar duela… eta horren aurrean, euskaldunon ezintasuna, erantzun ahalmen eskasa, sakabanatua eta, oro har, epela, negartia ez esatearren. Halako batean aski diat esan nuen, irainak eta bazterketak agerian uzteko saio batean abiatu nintzen. Horrela sortu zen liburu hori".
Egoera nola ikusten duen galdetuta, hemen erantzuna: "Inposaketak dauzkagu, dogmak zabaltzen dituzten teoriagile eta politikari multzo batek bideratuta. Inposaketa ideologikoak aurrena: gure hizkuntza hartaz interesik ez dutenena ere badela esan zuen Blanca Urgellek bere estatus politikoak ematen zion kadiratik. Laster esango didate nire euskara ez dela euskaraz hitz egin dutenen historiaren ekoizpena".
Lorea Agirre haserretu egiten da "euskara" eta "inposatu" hitzak esaldi berean entzutean. "Absurdoa da, baina horra eraman gaituzte, parekatzera euskara eta inposizioa". "Ezin dira euskararen hautua eta askatasun indibidualak parez pare jarri, hori erdal munduak egiten digun tranpa da, gure erantzunak ezetz izan behar du; diskurtso hori txikitu egin behar da".
"Esan behar da: Ez, euskara, eskubide indibidualak eta inposizioa ez daude plano berean, ez dira ezkontzen inondik ere. Eta plano berean jarri nahi badituzu, alderantziz litzateke kontua: hizkuntza hegemoniko bakarra den gaztelania edo frantsesa eta gure eskubideak, eskubide linguistikoak, eskubide sozialak; hizkuntza handiak dira inposatzen direnak hemen, nik bi hizkuntzak dakizkit, zurean hitz egin dezaket, zuk nirean?".
"Diskurtso hori desmuntatu egin behar da". Amonarrizen aburuz, ez da Euskal Herrian bakarrik erabiltzen argumentazio hori; Galesen, Katalunian eta bertako hizkuntzen normalizazioan lanean ari diren taldeei berehala aurpegiratzen diete inposizioarena. "Erdaldunei begira, euskara inposatu egiten dela dioen diskurtsoa argitu egin behar da eta aurre egin behar zaio".
Hizkuntzaren normalizazio prozesuak aurrera egingo badu, atxikimendu soziala eta derrigortasuna konbinatu behar ditu euskarak Amonarrizen ustez. Erritmoak kontutan hartuta, Gipuzkoa, Lapurdi ala Araban planteamenduak ezberdinak dira. Hor logika politiko sozialak sartzen dira, baina "eremua edozein dela ere aurrerapausoak eman behar dira".
"Ezin dugu orain 30 urteko eskemarekin jarraitu, aintzat hartu gabe irakaskuntzatik ateratzen den belaunaldiaren gehiengoa euskalduna eta ongi prestatua dela, hainbat eremutan euskararen ezagupena unibertsalizatua dagoela. Beraz, haur eta gazteei zuzendutako eskaintzak euskaraz bakarrik egon daitezke hor. Lan munduan berdin. Bestela, zertarako ari gara prestatzen belaunaldi oso bat euskaraz? Klabe hauetan sartzen da derrigortasunaren kontzeptua eta horrek ez du zerikusirik inposaketarekin. Aracil soziolinguistak esaten duen bezala: Renfeko bidai txartelak ez dira inposatzen, eskura ematen dira".
Amonarrizen ustez euskara proiektu ilusionagarri eta kohesionatzaile bihurtzea da gakoa. "Hori agerikoa da euskara egoera zailenetan dagoen eremu geografiko eta sozialetan. Baina hori aktibatu egin behar da, eta horrek zerikusia du erabiltzen diren diskurtsoekin. Hor falta zaigu eta inertziak astindu behar dira".
Elebitasunaren tranpa
Koldo Izagirre zorrotz mintzo da elebitasun ereduaz. "Elebitasunaren aldarriak euskara debekatuak zeuzkan esparruetan sartzea zeukan helburu, eskolan batez ere. Baina elebitasun horren aplikazioak gaztelania inposatu du euskarak eduki zitzakeen alor apurretan ere: ezer ez da demokratikoa euskara hutsean egiten bada, gaztelaniaren eskutik bizi behar du".
"De fakto, euskaraz produzitzen den masa handi bat, gaztelaniaren itzulpena da. Inoiz ez da gaztelaniara itzultzen erakundeetan sortutako ezer. Euskararen egoera, maila politikoan, estatutuaren porrota da", dio idazle pasaitarrak.
Kike Amonarrizek elebitasunaren eztabaida gainditu beharra ikusten du. "Maila instituzionalean, ezin dugu elebitasun simetrikoan sinistu. Hemen euskarak normalizazioa lortuko badu, euskarak behar ditu arnasguneak. Oso garrantzitsua da kontzeptu hau. Edozein hizkuntzak biziraungo badu, behar ditu hizkuntza horretan bakarrik garatuko diren funtzio konkretuak, eta gero eta gehiago izan behar dute. Adibidez, euskarak izan behar du erabilera hizkuntza nagusia UEMAk geografikoki ordezkatzen duen eremuan, erabilera ofizial ia bakarreko eremua. Euskarak behar ditu bereak eta bereak bakarrik dituen espazio komunikatiboak, euskaraz bakarrik egingo diren jarduerak udalerriz udalerri. Euskarak behar du hizkuntza bakar edo nagusi izan haur eta gazteentzako eskaintza kulturalean eta aisialdikoan, eta euskarak behar du nagusitasuna barne funtzionamenduan zenbait lan eremutan. Horrek bihurtzen du derrigorrezko. Horrek bihurtzen du funtzional. Eta horrela bihurtzen da erakargarri".
Zein dira euskalgintzaren erronkak?
Miren Amurizaren ustez erronka nagusia jendeak euskaraz egitea da zalantzarik gabe. Kontua da euskara formaltasunarekin –eta aldi berean formaltasuna zuzentasunarekin– lotzen dela eta horren arrazoi nagusietakoa eskola dela uste duela. "Eskoletan urteak egin ditugu aditz taulak ikasten, berridazketak egiten eta euskarazko idazlanak borobil gorriz beteta jasotzen. Nire ustez euskara, beste edozein hizkuntza bezala, komunikazioarekin lotu beharko genuke orokorrean: erregistro formal zein informalekin, zientziarekin zein umorearekin…".
Kike Amonarrizek dio euskararen inguruko diskurtso sozialetan egokitzapena behar dela. Euskara nola zabaldu, batetik, euskararen alde omen diren sektoreetara, baina praktikan euskaraz egiten ez dutenak. Eta horrez gain, aldeko jarrera ez dutenen hurrengo belaunaldia nola euskaldundu landu behar da.
Egun euskalgintza nola ikusten duen galdetuta, "arautua eta instituzionalizatua: domestikatua", dio Koldo Izagirrek.
Lorea Agirrek Marcela Lagarde feministaren ideia bat dakar hizkuntzara: "Hizkuntzaren gutxiengotasun maila negoziatzen ari gara, noraino behera geratuko garen". Bere ustez arazoa bisibilizatzeko batzuetan problematizatu egin behar da. "'Hemen arazo bat dago, euskal hiztunok ezin dugu arnasik hartu', esan behar dugu batzuetan".
"Irribarre egin dugu askotan, eta egingo dugu, baina batzuetan mahai gainean kolpea eman behar da. Justizia sozialaz ari gara, iparra normalizazioa da".
Kohesio falta ikusten du Miren Amurizak euskalgintzan: "Sektore zabal batean ikusten da badagoela aldaketarako nahia; mezu berriak, jarrera desberdinak, elkarlanerako gogoa… Baina askotan euskalgintzari oso ikuspegi mugatutik begiratzen diogu. Oso ondo dago AEK, herrietako euskara elkarteak, Ikastolak, Berria, Argia... adibidez, haize berrien bila aritzea. Baina non egiten dute bat horien bideek ETB edo Euskaltzaindiarenekin esaterako? Diskurtso berri bat behar dugu eta aldi bateko noraeza positiboa izan daiteke, mugitzen ari garen seinale. Kohesio falta, ordea, arazo larria da".
Diskurtso berria
Leporaino bete da Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko gela euskaltzaletasuna eta feminismoari buruzko mahai-ingurua entzuteko. Samara Veltek gidatuta, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel eta Onintza Iruretaren gogoetak izango dira ordu eta erdiz. Interesa pizten du bi borroka hauen uztarketak.
"Feminismoak justizia oinarri hartuta eraiki du diskurtsoa, euskaltzaletasunak oraindik ez", "euskalgintzak nekearen zama eta pentsamendua berritzeko beharra du", "euskararen gaia politizatu egin behar dugu, politikeriatik atera eta eskubideen alorrera ekarri", "euskaraz egiten dizut nire taldean nahi zaitudalako; ez nire taldetik kanpo nahi zaitudalako", "saiatu erakusten hizkuntzaren garrantzia, eskubide kontua dela, euskaldunak deseroso bizi duela", "zuk zure pribilegioetatik zapalkuntza eragiten didazu"...
Jendeak adi jarraitzen du gaia. Zapalkuntza anitzei buruz aritu dira. Gerora, " Eta eman eskua ahizpa ditugun beste ahalduntze bideei / Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen " mezua milaka pertsonaren eskuetatik pasaraziko du Agirrek Korrikan.
Jakin eko bere bulegora etorrita, Agirrek euskara mundu hobe bat lortzeko borrokarekin lotzen du, eta ikastolak jartzen ditu horren adibide. "Ikastolak frankismoan sortu zituzten, bai, baina pedagogiarik aurreratuenarekin. Horregatik izan zuten arrakasta. Nora bidali nahi dituzu haurrak, eskola frankista batera ala euskaraz den eskola ireki batera? Frankismoaren eskolen kopia balira, ziurrenik bukatuta zeuden. Kontzeptu hori esparru guztietara eraman behar dugu. Plus hori eskaini behar dugu beti euskaraz, proiektu ilusionagarria behar dugu".
Araban, adibidez, aldarrikapen sozial kutsua du euskararen aldeko borrokak. "Gasteiz itogarri batean, boterearen aurka azaltzeko modu bat gehiago zen euskara erabiltzea. Ez hainbeste identitatearen ikuspegitik, edo abertzaletasun ortodoxotik". Manex Agirrek jaso du Jakin en, "beste eremu batzuetan gutxiegi landu den ezaugarri horrek gurean bere ibilbidea izan du, gizartean eragin masiboa izan ez badu ere. Hala Bedi irratia bera, Gasteizko gaztetxea edo kontraboterean aritu diren bestelako mugimenduak dira horren lekuko".
Ipar Euskal Herrian, Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideei ere, adibide bat jartzearren, espiritu bera atzematen zaie. Euskara auzolanarekin, kultur aniztasunarekin, diskriminazioen aurkako borrokarekin, ingurumenaren defentsarekin, kontsumo etikoarekin eta aisiarekin lotzen dute, besteak beste.
"Euskara da gure territorio libre bakarra", zioen Joseba Sarrionandiak. Meatzaldetik, Trapagarandik, Kimetz Arana gazteak euskara "kultura global uniformizatzailearen aurrean alternatiba ikaragarri" gisa ulertzen du. "Euskara hizkuntza baino gehiago kultura baten ezaugarri nagusia da, bere mundu ikusmolde, literatura, umore, kantu eta kontuekin".
ARGIAko "Meatzaldetik Mundua" blogean idatzi du Korrikaren aitzakian. Bere iritziz, "gaurko gizarte komertzialak sortzen duen identitate krisian, munduari irekita gure ikuspegi propioa garatu, nor garen jakin eta gu geu sentitzea ahalbidetu diezaguke euskarak". Kolektibotasuna eta identitatea, hauek izan daitezke euskararen ezaugarri indartsuenak etorkizunari begira Aranaren ustez.
"Euskalduna zira? Galde egiten duelarik auto-stopean hartu zaituenak, ez du erran nahi Bidarten bizi zirenez, ez eta ere zure amamak Urzurigaray izena ote zuen, net futitzen da hortaz. Erran nahi du sinpleki: nola mintzo gira, euskaraz ala frantsesez? Beste definizioak bai direla etnizistak". Antton Lukuk Euskal kultura? liburuan galdetzen du ea munduan ba ote den populurik auto-definizio hain irekia duenik. "Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu".
Jarrera ekologistarekin ere lotu daiteke euskararen borroka. Abiadura Handiko Trena, lurralde antolaketa eta euskara izeneko lanean, Luis Manjónek euskalgintza eta ekologismoa uztartu ditu. Bere iritzian, "oso harreman estua dago euskarararen biziraupen eta inguru naturalaren artean". Bertan jasotzen duenez, "euskarak giro bat behar du, inguru bat, garapen eredu bat hain zuzen ere inguru naturalari arnasa emango diona bizirik irauteko".
Ipar Euskal Herriko erreferente kulturala den EHZ festibalean euskara filosofia eta praktika aurrerakoiekin lotzen dute naturaltasun osoz. (Arg: EHZ)
Euskaldun izatea euskara erabiltzea da
"Euskara erabiltzen duenarena da", zioen Korrikako lekukoan idatzitako Bagara nor mezuak. Horrekin zer esan nahi zuen galdetuta, ondorengoa dio Agirrek:
"Batetik, hizkuntza jakitea ez da nahikoa eta erabilerak markatuko du etorkizuna, beraz, euskaldun izatea erabiltzea da. Bestetik euskaldunberri terminoa kendu behar dugu behingoz, euskaldun direlako, euskaldun zahar analfabetoz josita gaudelako, ustez euskaraz oso ongi hitz egiten dutenak, baina gerora ez dutenak erabiltzen. Hirugarrena, erabilerak salbatuko du, eta hizkuntza bizi den heinean hiztunak eman behar dio bizitza. Txileko "La tierra es de quien la trabaja" esaldiari erreferentzia egiten dio, Victor Jarari".
Azken hamarkadetako esperientziak agerian utzi du hezkuntza euskaldunak oinarria ematen badu ere, ez duela erabilera ziurtatzen. Nola sustatu erabilera?
"Sei urtetik hamasei urtera egunero-egunero entzuten genuen euskaraz egin behar genuela eta aditzak ezelako akatsik barik jokatu behar zirela", gogoratzen du Miren Amurizak. "Askok eskola sasoian bertan utzi zioten euskaraz egiteari; aginduari kontra egitearren, gogaikarria egiten zitzaielako… Gerora hautu kontzientea egiteko adinean, gehienek korronteari jarraitzen diote eta korronteak erdarazko musika entzuten du, erdaraz kantatzen ditu golak, erdaraz poteatzen du, erdaraz ikusten pelikula eta telesailak… Nire gelakideen artean, ama hizkuntza gaztelera zuten denek ikasi zuten euskaraz. Egun, 25etik zenbat izango gara euskaraz bizi garenak? Bost bat..."
Eskoletan euskara irakasteko modua erabat aldatu behar dela defendatzen du Amurizak; ikuspegi gramatikaletik ikuspegi komunikatibora pasatu behar dela. Haurrak euskaraz edozein erregistro eta testu generotan aritzen trebatu behar direla eta idatzizkoari adina garrantzi edo gehiago eman behar zaiola ahozkoari. "Lehendabizi konturatu behar dira euskara beste edozein hizkuntza bezain erabilgarria dela eta etortzekotan, ondoren etorriko da kontzientziazioa; baina ez euskaraz egiten ez badute altxor bat galduko dutela esanez, baizik eta euskaraz eginda zenbat irabaziko duten sentiarazita. Beti positiboan".
Koldo Izagirreren iritziz, sedukzioak kontzientzia behar du aurretik. "Hizkuntza guztiek daukate sedukzio indarra: japonierak idazkera eder hori dauka, euskarak bere sonoritatea dauka, eta aditz sistema zehatz hori, batere irregulartasunik gabea, ikasteko erraza, ahoskera gardena eta samurra dauka… Baina balio horietara hurbiltzeko kontzientzia bat behar du erdaldunak aurrena". Sedukzioa, hizkuntzetan behintzat, apurka gertatzen delako, barneaz jabetzen hasten denean. Izagirreren ustez, hizkuntzek ezin dute inor seduzitu ikasten hasitakoan besterik. "Horrez gain, bada beste sedukzio bat, kultura batek sortzen duena. "Euskarak ezin du gaztelaniaren edo frantsesaren balioa izan burtsa linguistikoan, "kapital" pobrea da. Eta hortxe dago arazoa, beldurra ematen digula esateak diferentea izateko balio duela euskarak, euskarak herritasuna ematen duela. Lehen euskaldunak izateko ikasten genuen euskara, gaur euskara jakiteko ikasten dugu".
Kimetz Arana bide beretik doa: "Trapagarani dagokionez gero eta euskaldun gehiago gara herrian. Elkar saretu beharko dugu hizkuntzari erabilgarritasuna emateko eta espazioak irabazteko. Horrela euskara gehiago erabiltzen dugun neurrian, gure euskal identitate propioa sortuko dugu, Meatzaldekoa, jatorri anitzekoa, nahasketarena, meatzariena, langileena eta kalekoa eta gure jarduna herrian txertaturik naturalduko da".
Bere hitzetan Trapagarango belaunaldi berriei dagokie euskarari heltzea, gogoetatzea, behar berriei erantzutea, elkartu eta aurrera egitea. Aurrekoek egindakoari esker dira beraiek euskaldun eta posible da orain Trapagaranen euskaraz bizitzea. "Ez gaitzan kultura globalak bere barnean ito, ez dadin gaurko uholdea biharko itsasoko tanta bihurtu, ez dadin Korrika bi urteroko folklore izan".
Euskara hautu politikoa da
"Inpresioa dut koadriletan, bikoteetan, erakundeetan, lantokietan, asko hitz egiten dela euskarari buruz maila orokorrean, eta ez dela hainbeste pertsonen arteko harreman hizkuntzei buruz". Kike Amonarrizen ustez, esplizitatu egin behar da gaia. Bere ustez, hizkuntza ohitura batetik besterako saltoa hasieran zaila izan arren, kudea daiteke eta euskararentzat harremanak irabazi, baina horretarako gaiaz hitz egin behar da.
"Egoera okerrera doa, geroz eta zailagoa egiten zait elkarrizketetan jendea euskarara ekartzea". "Taldeko eta koadrilako hizkuntza gisa euskara ezartzea oso zaila da". "Hizkuntza zuzena, hizkuntza bizia falta zaigu, hikan adibidez, etena egon da", "Seguru egon behar dugu, batzuetan euskaraz hitz egitean freskotasun hori falta badugu ere, hitz eginez hartuko dugula".
Aurreko gogoeta horiek eta askoz gehiago atera dituzte Elorrioko gazte talde batek eginiko bideoan . Herrian gazteen %94,3k daki euskaraz, baina %28,3k mintzatzen du, eta gainera, behera doa kopurua. Gaiaz hizketan jarri dute gazte mordoa hiru galdera eginez: Zer da zuretzat euskara? Gazteon arteko erabilera zelan ikusten duzu? Zelako egoera izango du etorkizunean euskarak Elorrion? Bideoaren harira behintzat gaiaz gogoeta egingo zuen hainbatek.
Miren Amurizak ez ditu alderdiak, erakundeak, elkarteak eskema horretan ikusten. "Kontraesana dirudien arren, nire ustez euskarari zentraltasuna emateko bideetako bat transbertsalki arlo guztietan indartzea da, feminismoarekin egiten ari diren lez: kulturgintzan, hezkuntzan, hedabideetan, herri mugimenduan, elkarteetan eta plano politikoan ere bai jakina. Esparru guztiak konprometitzea behar dugu eta sormena, batez ere sormen handia...".
Euskara hautua da Lorea Agirrerentzat. "Ez da hegemonia, ez da normala, gogoeta eskatzen dizu, orain zer hautatuko dut... horrek suposatzen du inguruan euskaraz ari den oxigeno hori ez badaukazu, etengabe hautu kontzienteak egiten ari behar duzula".
Horregatik, bere ustez hizkuntza politika eraginkorrak behar dira, oxigeno hori sortzeko, etengabe hautu bat ez izateko eta arnasguneak sortzeko. "Agian hizkuntza politikak izan beharko dute orokorrak, baina aldi berean, oso zehatzak, oso tokikoak, oso adinka diseinatuak...".
Hizkuntza politika hauek gizartearen inplikazioarekin diseinatuak behar dutela defendatzen du: erakundeak, elkarteak, lan munduko eragileak, udaletxeak, hiztunak... "Gaur egun gauzak horrela egin behar dira: politika hauek parte hartzaileak izan behar dute, horrek esan nahi du baliabide material eta ekonomikoak erabakia hartuko dutenen esku jarri behar direla; jada ez dugu inor engainatuko hau edo bestea egin behar duzu esanez, erabaki dezagun hemen zer egin".
Bere ustez, erabilera sustatzeko baldintza soziolinguistikoak aldatu behar dira eta kontzientzia landu behar da. "Gure kasuan, jakinarazi behar diogu pertsona bakoitzari egiten dugun ekintza bakoitza ekintza politikoa dela, horrek eragina duela. 'Berdin dizula? Ba berdin dizu, baina badakizu'".
Amonarrizen hitzetan, hizkuntzak nolabait sailkatu behar balira, munduan hamabost bat erraldoi daude, gero estatu hizkuntzak, gero katalana kasu isolatu gisa, eta gero hizkuntza gutxituak eta estatu hizkuntza izan gabe hiztun kopuru nabarmen bat dutenak. "Horien buruan gu gaude eta guri begira daude okzitanoak, bretoiak, amazighak, kurduak, Hego Amerikako hizkuntza komunitate indigena nagusiak...". Hori berresten du Garabidek egindako Beltzean mintzo dokumental hunkigarriak. Bertan, mugimendu euskaltzalea sekula topo egin gabeko senide gisa aurkezten dute Hego Amerikako hizkuntza gutxiagotuetako kideek, eta euskararen normalizazio prozesua eredu gisa hartzen dute.
Amonarrizen aburuz, mugimendu euskaltzaleak aurrera pausoak ematen baditu erreferente izaten jarraituko du, motibazio iturri, indar iturri munduko beste hizkuntza komunitate guztientzako. Eta euskarak porrot egiten badu, ez luke berak bakarrik egingo. "Erantzukizun historikoa daukagu alde horretatik. Justizian oinarritutako normalizazio prozesua aurrera eramatea. Munduari egin diezaiokegun ekarpenik handienetakoa hori da". | news |
argia-7c08cf982d59 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2458/azote-kalduz.html | Arratiatik rock-and-rolla | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2015-04-26 00:00:00 | Arratiatik rock-and-rolla
Azote kaldüz
Eskean Kristö
Baga Biga, 2015
Eskean Kristö Arratia bailarako (Bizkaia) taldearen lehen disko luze honek jarraipena ematen dio 2013an kaleratu zuen sei kantuz osaturiko lanari. Bide berari jarraituz osatu dute. Hau da, rock-and-rolla eta rock gogorra: gitarretan oinarritutako kantuak, riff eta punteo basatiak, eta erraz gogoratzen diren leloak.
70eko eta 80ko hamarkadetako rock-and-roll eta hard rock estiloen espiritua bilatzen dute. Besteak beste, AC-DC, The Rolling Stones, Kiss, Guns N' Roses, Niko Etxart, Sexty Sexers eta Willis Drummond taldeen eraginak suma daitezke haien kantuetan.
2013an Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona lehiaketa eta Azkue fundazioak antolatutako banden lehiaketa irabazi zituzten, eta Azkue fundazioak eman zien sariak beren lehen disko luzea burutzen lagundu die.
Azote kaldüz diskoa Martxel Arkarazok grabatu, nahastu, masterizatu eta ekoitzi du Andoaingo Garate Studioetan, eta ilustrazioak eta diseinua Jon Artetxek egin ditu. Latigo! kantuan Niko Etxart maisuak jarri du ahotsa eta rock-and-rolla, taldekideek beraiek jakinarazi dutenez.
Pello Artabek (ahotsa), Alex Harillok (gitarra), Aritz Ontalvillak (gitarra), Peio Artetxek (baxua, harmonika eta ahotsak) eta Imanol Arresek (bateria) sortu dituzte kantu guztiak. Negar kantuko hitzak Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik liburuko testuetan oinarrituta idatzi dituzte.
Doinu indartsua eta trinkoa gauzatu dute, ederki ekoitzia. Taldekideek beren musika-tresnak trebetasun handiz erabiltzen dituzte, eta, gainera, hori guztia bizitasunez, gatz eta piperraz, alaitasunez eta lotsagabe egiten dute. Taldekideak gazteak dira, 24 urteren bueltan daude denak, baina helduagoak direla ematen du.
Kantuetan, jusitiziarik eza, ustelkeria, politikarien hipokrisia, pobrezia eta beste hainbat gairen inguruan mintzo dira, kaleko hizkeraz, gordin, oldarkor, trufa eginez, umorez eta lizun. Hitzak euskara batuan idatzita daude baina arratierazko hitz batzuk ere erabili dituzte. Entzuleek dena uler dezaten Geure berbategie izeneko arratiera-batua hiztegi txiki bat txertatu dute lanean.
Jendaurreko emanaldietan oholtzaren gainean ederki pasatzen du Eskean Kristö taldeak. Taldekidek barruan daukaten guztia ematen dute. Saio ikusgarriak egiten dituzte, eta ikus-entzuleekin bat egiten saiatzen dira. | news |
argia-2929e1b790e1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/zazpi-urte.html | Zazpi urte | Joxerra Aizpurua | 2018-03-25 00:00:00 | Zazpi urte
2011ko martxoaren 11n lehertu zen Fukushimako zentral nuklearra. Telebistan emandako irudiek leherketa unea eta ondorengo laino zuria betikotu zituzten. Hurrengo egunetako eta hilabeteetako albisteetan garrantzi berezia izan zuen Fukushimak, baina egun gure munduak daraman abiadurak enegarren posizioan birkokatu du gaia; are gehiago esango nuke, jada badagoela geure artean Fukushima zer den ez dakien belaunaldi gazte bat.
Neurri batean normala da Fukushima historiaren entziklopedian galdurik geratzea beste hainbeste gertaera bezala. Gertaera historikoen ondorioak etenik gabe pairatzen ari gara, batzuetan latzak izaten dira batzuentzat, hobeak besteentzat edo auskalokoak gainerakoentzat. Gizarte sektore batzuentzat garrantzizkoak direnak bizirik mantendu nahi izaten dira hain modan dagoen "memoria historikoaren" bidez, baina nago Fukushimarena ahaztuta bai, baina bizirik dagoen gertaera dela, hau da, oraindik ez dela historia.
Isiltasuna eta ezezagutza baino ez daude Fukushimaren inguruan. Inork ez du txintik esaten eta Japoniako Gobernuak eta populazioak ordaintzen segitzen dute
Leherketa ondoren deserriratutako populazioaren zati handi bat bere jaioterritik urrun bizi da eta itzuli direnak erradiazio maila asko edo gutxi dagoen lekuetan bizi da eta horien artean tiroide minbiziak, suizidioak eta gaixotasun arraroak handitu dira. Zentrala ez berotzeko etenik gabe ari dira ura botatzen eta ur hori lurrazpiko urekin nahastu ondoren itsasora edo auskalo nora isurtzen da. Bitartean ez dakite ongi nola dagoen erregaia, bidalitako robotak bertan hil baitira. Itsasoko erradiazio maila ez da gehiegi handitu, baina bai pixka bat eta ikerlariak ez datoz bat denboran luzatzen den erradiazio baxuaren eragina zein den esatean.
2016an Fukushimaren kudeaketaz arduratzen den TEPCO enpresaren arabera, 30 edo 40 urte behar izango lirateke zentrala desmuntatzeko eta 170.000 milioi eurotik gorako kostua.
Gaur ordea, isiltasuna eta ezezagutza baino ez daude Fukushimaren inguruan. Inork ez du txintik esaten eta Japoniako Gobernuak eta populazioak ordaintzen segitzen dute eta segituko dute hamarkadetan egin beharreko lanak; eta zentralaren inguruan bizi direnen artean azterketa estatistikoak egingo dira gertatuko zaien gaixotasun arraroekin. Bitartean munduan energia nuklearraren inguruan gertatu zen balaztatzea ahaztu egin da eta berriro azelerazioaren garaian gaude, Euskal Herrian ere bai, ez baitugu ahaztu behar urteko sasoi askotan Frantziari erositako energia nuklearra kontsumitzen dugula.
Ahaztu dugu, ez dugu ezer ikasi eta bitartean Fukushima ez dago lozorroan, ez da estatistika huts bat, belaunaldi gazteei igorritako eta bizirik iraungo duen errealitate gaiztoa da! | news |
argia-40f46faca341 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/amiantoaren-genozidioa.html | Ahaztuen garrasia, egia eta justizia eske | Urko Apaolaza Avila | 2018-03-25 00:00:00 | Ahaztuen garrasia, egia eta justizia eske
Itxi ditzakegu begiak eta esan egungo bizimoduagatik ordaindu beharreko bidesaria direla minbizi kopuru alarmagarriak. Baina egiak jarraituko du lurperatutako hilotzen hezurretaraino sartuta: gaixotasun bakoitzak badu jatorri bat eta erantzule bat.
Amiantoak milioika lagun hilko ditu datozen urteetan, aurrez jakingo dugun historiako lehen genozidioa izango da seguruenik. Saihestu zitekeen baina ez zen egin, fibrozementuaren lobbyak nahita ezkutatu zuen haren arriskua eta 60ko hamarkadatik XXI. mendera arte masiboki arnastu eta jan dute langileek nahiz ingurukoek. 40 urteren ondoren, ate joka dugu heriotza.
Biktimen elkarteen lanari esker, erakunde publikoek gero eta zailago dute arazoaz paso egitea –berrikitan konpentsazio funtsa sortzea adostu dute Espainiako Kongresuan–. Baina amiantoak kaltetutakoek oraindik bidegurutze luzea egin behar dute epaiketetan barrena edo administrazioaren aitortza lortzeko, kasu askotan hil ostean gertatzen da hori.
Euskal Herrian eta Mendebaldeko toki gehienetan amiantoa erabiltzea debekatuta egonagatik ere –besterik da zer min eragingo duten oraindik eraikin, eskola eta bazterretan pilatutako milaka tonek–, munduko populazioaren %70 duten herrialdeetan erruz ari dira mineral hilgarria produzitzen eta manipulatzen. LARRUN honen amaieran Maria Roselliren The Asbestos lie (Asbestoaren gezurra) liburuko pasarte bat dakarkigu horri buruz: "Zoritxarrez ez da kuriositate historiko bat", dio kazetariak.
Egunkariek apenas utzi diote tarterik teletipoari. Emakumea 22 urtez aritu zen lanean Errenteriako isolagailuen fabrika batean, autoen baterientzako estalkiekin egiten zuen lan; baina ez ziren plastiko hutsak, amianto zuntzez egindako artefaktu arriskutsuak baizik, eta berak egunero-egunero lixatzen zuen estalki bat bestearen atzetik, printzak kentzen zituen nola eskuarekin edo putz eginez. Lana utzi eta hiru hamarkada geroago sortu zitzaion asbestosia, eta orain, enpresa hura erosi zuen multinazionalak laneko gaixotasunagatik jasotzen duen prestazioaren %30 ordaindu beharko dio EAEko Auzitegi Nagusiaren epai baten aginduz. Baina epaia ez da irmoa, eta seguruenik emakumeak berriz ere egin beharko du auzitegirako bidea birikak lehertzear, azken bost urteetan egin izan duen bezala.
Maiz iristen zaizkigu halako berriak, baita larriagoak ere. Lerro hauek idazten ari garela, Twitterreko denbora lerroan sartu zaigu mezu labur bat: amiantoagatik aurtengo seigarren laguna hil da, Tafallako Victorio Luzuriaga fundizioko –egun Fagor Ederlan kooperatibarena– langile artaxoarra, laneko gaixotasuna aitortzeke zuen. Irakurleak aldizkaria jasotzen duenerako zerrenda luzeagoa izango da, tantaka ari baita bustitzen epidemia honekin Euskal Herria. Soilik Hegoaldeko lau lurraldeetan 1993tik hona gutxienez 1.494 pertsona hil dira estatistika ofizialen arabera.
Mesotelioma edo pleurako minbizia zuzenean dago erlazionaturik mineral horren erabilerarekin, asbestosia eta biriketako minbizia ere sortzen du, eta azkenaldiko ikerketek diote laringeko, hestegorriko eta agian baita obarioetako minbizia kasuak ere lotuta egon daitezkeela amiantoari. Hain arriskutsua izanik, zergatik erabili izan da?
Amiantoa 3.000 produktu baino gehiagotan aurki daiteke, zenbait kasutan zuzenean eta gehienetan zementuarekin nahastuta. Etxe batean 25 tokitan egon daitekeela uste da: sukaldean, hodietan, lorontzietan, berogailu sisteman, termoetan eta hortzeko pasta urratzaileetan ere bai. Jadanik debekatuta dagoen arren, hor jarraitzen du, ez da atzoko arazoa.
Esan liteke oroimenaren alderantzizko kontakizun bat dela amiantoaren biktimena: lehenengo ahaztura eta azkenean drama. Azken batean Paco Puche adituak bere azkeneko liburuan dioen moduan "amiantoaren historiaren bide bazterretako areketan" geratu dira hauek ere.
Bere madarikazioa, erresistentziarako duen ezaugarri harrigarria da: kimikoki edo beroarekin desegitea oso zaila da eta malgutasun handia du. Amiantoak, greziarren adieran "iraungiezin" esan nahi du, eta mineral hori izendatzeko erabiltzen den beste hitza, asbestoa, "erregaitza" da jatorrizko latinean. Zuntz kristalizatu horizontal nimiñoak ez dira ikusten, ez usaintzen, ez sentitzen; hain dira txikiak, ezen airean esekita geratzen dira edo urak harrapatuta, eta horrela errazago sartzen zaizkigu gorputzean. Denboraren poderioz gainera, birrindu egiten da –ez desagertu– eta are gehiago zabaldu.
Isolagailu bezala material guztiz eraginkorra da, horregatik automozioan –garraio modu guztietan–, eraikinetan eta Euskal Herriko industria eta tailerretan milaka langileren eskuetatik pasa zen 70, 80 eta 90eko hamarkadetan. Hauts haietatik gaurko hildakoak, eritasuna hogeita hamar edo berrogei urteren buruan sortzen baita.
"Amiantoa heriotzaren sinonimo da –esan digu irmo Juanjo Basterrak–, isiltasun sinonimo ere bada, besteen bizitzaren kontura negozio egitea, boterea duenaren intrantsigentzia... baina batez ere borroka da". Gaiaz Euskal Herrian gehientsuen ikertu duen kazetariak Cuatro Lunas (Pepe Rei Kultur Elkartea, 2016) liburuan ahotsa jarri die amiantoaren biktimei: "Urtetan barrutik urratzen eta desegiten ari diren horiek, izuak eta sufrimenduak atea jo badie ere, aurpegia eman dute". Esan liteke oroimenaren alderantzizko kontakizun bat dela amiantoaren biktimena: lehenengo ahaztura eta azkenean drama. Azken batean Paco Puche adituak bere azkeneko liburuan dioen moduan "amiantoaren historiaren bide bazterretako areketan" geratu dira hauek ere.
Gerra botina, esklabotza eta kapitalismoa
Puchek Amianto. Una epidemia oculta e impune (Catarata, 2017) argitalpenean laburbildu ditu bere ezagutza guztiak –erreportaje honen oinarrizko iturrietako bat da–, eta besteak beste amiantoaren industriaren jatorri zapaltzailea kapitalismoarekin lotu du. 1920an Schmidheiny familia suitzarrak fibrozementuaren patentea zuen enpresa erosi eta Eternit izena jarri zion –amiantoaren izaera eternala gogoratuz–. Hor hasi zen dena.
Amiantoaren industria herrialde ugaritara zabaldu zuten eta Eternit enpresari loturiko beste familia batzuekin batera oligopolio handi bat sortu zuten negozio horren inguruan. Munduko asbesto enpresa handienekin SAIAC kartela egin zuten, tartean ziren Turner & Newall britainiarra, Johns Manville iparramerikarra eta baita Roviralta enpresa espainola ere, azkeneko hau Uralita izenarekin March familiaren eskuetara igaroko zen gero. Kapital pilaketa itzela izan zen, zenbait momentutan %20ko etekinak ukan zituzten enpresa horiek.
Gironako 1932ko Industria, Merkataritza eta Nekazaritzako erakusketa ferian Uralita enpresaren standa. Josep Maria Roviraltak marka erregistratu eta urte batzuetara, gerra ondoren, March familiak hedatu zuen produktua. (Arg: Gironako udal artxiboa)
Baina diru hori guztia langileen zapalkuntzan oinarriturik zegoen, diktadura eta estatu totalitarioekin harremanetan. 1992an Stephan Schmidheinyk Hegoafrikako lantegi eta mehatzeak itxi zituen. Zergatik? Horixe galdetu zion Maria Roselli kazetariak sindikalista hegoafrikar bati: "Apartheidaren amaierarekin ezin zuelako beltzak esplotatzen segi". Esklabotza kapitalismo modernoaren substratuetako bat izan zitekeela aspaldi ikasi zuten Kubako kanabera sailetan katalan zein euskaldun negozio gizonek.
Antzeko egoera probestu zuen Juan March Ordinas bankariak gerraosteko Espainia autarkikoan. 1936ko golpea finantzatu ondoren, asbestoaren inportazioaren monopolioa eskuratu zuen eta 1943an Cerdanyolako fibrozementu fabrika handiarekin egin zen, Uralita –Errusiako Uraletako asbestoarekin eginda baitzegoen– ezaguna produzitzeko. Francok "nazioaren defentsaren intereserako mineral" izendatu zuen amiantoa eta Andaluziako Ronda mendizerran urre zuria erauzteko negozioa jarri zuten martxan. Mijas, Ojén eta antzeko herrixketako ehunka nekazari txiro "kontratatu" zituzten destajuan aritzeko; astoz garraiatzen zuten hauts kantzerijenoa inongo babesik gabe.
Eta Euskal Herrian zer? Amiantoa produzitzeko negozio handirik ez zen egon, baina toki askotan oso presente zegoen Basterraren esanetan: "Egin kontu Espainiako Estatuan 800 enpresak inportatu zutela eta Hego Euskal Herrian 85 inguru izan ziren. Puntu beltza gara. Amiantoa gehien labeetan, ontzigintzan, eta trenetako eta autoetako balaztetan erabiltzen zen, hemengo sektore garrantzitsuenak". Espainiako Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazioak 2002an egindako ikerketa batean ikus dezakegu euskal industriako sinadura garrantzitsu guztiek inportatu zutela amiantoa: Patricio Echeverria, Altos Hornos de Vizcaya, CAF, Papelera Española, Michelin, Laminaciones Lesaca… Denek zuten loturarik erregimen frankistarekin, zenbaitek altxamenduan lagundu eta "gerra botina" deitu izan denean parte hartu zuten gainera.
Ordurako amiantoaren arriskuez ohartarazten zuten epidemiologia ikerketa franko zegoen egina. Lehen abisu serioa 1898an eman zuen Lucy Deane Streatfieldek. Erresuma Batuan laneko inspektore aritu zen lehen emakumeetako bat izan zen eta ehungintzako lantegi batean ikusi zuen amiantoa edozein kopurutan zela kaltegarria. 1930ean asbestosia sortzen zuela erabat frogatu zen, 1955ean biriketako minbizia eta 1960an mesotelioma.
"Amiantoa heriotz sinonimo da, isiltasun sinonimo, besteen bizitzaren kontura negozioa egitea da, boterea duenaren intrantsigentzia... baina batez ere, amiantoa borroka da"
Juanjo Basterra
Amiantoren industriako arduradunek bazekiten hori guztia, eta nahita ezkutatu zuten. Hain justu, mundu mailan sortu zen asbestoaren lehen kartelaren helburuetako bat zen informazio tekniko eta medikoa kontrolatzea, berrikitan desklasifikatutako barne dokumentu baten arabera. Gerora Asbestoaren Nazioarteko Elkartea (AIA) sortu zutenean ere helburu bera zuen: konferentziak (Londres, 1971) eta ikastaroak antolatu zituzten zuzendaritzako kideen artean, amiantoaren arriskuaz ugaritzen ari ziren ikerketen kontra modu kolektiboan erantzuteko estrategiarekin. Desinformazioa beti izan da gerra zikinaren arma efikaza.
Berrogei urte geroago, enpresek amnistia antzeko bat eskatzen dute ezjakintasuna argudiatuz: "Biktimek isiltasuna jasan dute mutuak eta gobernuak ez dituztelako ondoan izan –dio Basterrak–. Askotan enpresariak saiatzen dira amiantoarekin ez ditzatela erlazionatu, jakin baitakite amiantoarekin lan egin izana gaixotasunaren 'loterian' sartzea dela". Gaur egungo jakintzatik iragana juzgatzea egozten diete biktimen elkarte eta militanteei. Baina argudio hori hankaz gora jarri zuen Espainiako Auzitegi Goreneko sententzia batek 2012an: enpresak langileen segurtasunaren zordun dira, garaian garaiko araudiek exijitzen dutenaren gainetik. Ezin zuten beste aldera begiratu.
10 milioi hildako
Kontra-informaziorako propagandak eta zentsurak kimatutako kontakizuna da amiantoarena. Agian horrela uler liteke Espainiako Estatuan amiantoagatik diagnostikatutako erien %97 aitortza eta babesik gabe geratzea. Pucheren esanetan "nukleo gogor ikusezin hori isiltasun konspirazioaren parte da", Europako beste herrialde batzuekin –Frantziako Estatukoa kasu– zerikusi gutxi duena.
Ikerlariak algoritmo berezi bat sortu du amiantoak zenbat jende hilko duen zenbatzeko. Horretarako kontuan izan ditu asbesto kontsumoaren eta minbiziaren arteko erlazioa –mesotelioma bat 130 tonako–, mineralaren 40 urteko bizitza baliagarria eta gaixotasuna agertzen den 40 urteko epea. Soilik hamarkada honetan 32.692 pertsona hilko dira urtero munduan mesoteliomaz, eta literatura zientifikoan oinarrituta biderkatu beharreko asbestosi eta biriketako minbizi kasuak kontuan hartuta, kalkulatu du XX. mendean amiantoarekin kontaktuan izan ziren hamar milioi lagun hilko direla. Munduko Osasun Erakundea ez dabil urrun zifra horretatik: urtero 107.000 lagun hilko ditu amiantoak.
Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteak dio Hego Euskal Herrian gutxienez 25.000 langile izan direla iraganean kontaktuan gai kutsakorrarekin eta horien herena "behar baino lehen" hilko dela. Eusko Legebiltzarrak 2015ean konpentsazio funtsaren ponentziarako agindutako txosten baten arabera, berriz, 2019 eta 2023 artean urtero 507 pleurako minbizi eta 350 mesotelioma egon daitezke asbestoaren erruz EAEn. LABek amiantoaren inguruan kaleratutako gida batean irakur daiteke Euskal Herrian 6.000 eta 10.000 lagun artean hil daitezkeela mineralak gaixotuta, "zenbait neurketen arabera".
Zer da hori genozidioa ez bada? Sufrimendu eta heriotza sistematikoa eraginaraztea ez ote da hori? Genozidioak intentzio eta estrategia bat du atzean, 1948an Nazio Batuen Erakundeak onartutako Konbentzioaren arabera. Eta amiantoaren industriaren atzean horrelako zerbait egon zela garbi ikusi zen 2014an Stephan Schmidheiny eta Eterniten kontra Turinen izandako epaiketan.
2017ko martxoan amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sortzeko eskaria erregistratu zuten Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Espainiako Kongresuan (Argazki Press /J. Danae)
Epaiketa garrantzitsu hartan jardun zuen Sara Panelli fiskalak eta bere ustez Eterniteko buruek "nahita" ezkutatu zuten amiantoari buruz zekitena: "Enpresaren goi zuzendaritzak erabateko axolagabetasuna izan zuen langileen segurtasunarekiko, amiantoak sor zitzakeen kalteak jakinik ere". Hain zen begi-bistakoa jokabide hori, epaiketaren hirugarren egunean epaile batek Eterniten estrategia konparatu zuela naziek 1943an judutarrak Madagadaskarrera deportatzeko planarekin. Baina Turinen egun horietan botereak ederki erakutsi zuen noraino luzatzen duen itzala: enpresari milioiduna zigorrik gabe geratu zen –beregain zuen 18 urteko kartzela zigorra bertan behera utzita– delituak preskribitu egin omen zuelako. "Hildakoek ez dute preskribitzen!", "Hau lotsagarria da!" entzun zen ozen kasazio-auzitegiko salan biktimak eserita zeuden aldetik.
Nolanahi ere epaiak bidea ematen du Eterniteko nagusia berriz ere auzibidean sartzeko, ez baitu esaten errugabea denik. 2015ean beste salaketa bat jarri zuten haren kontra 1989 eta 2014 artean hildako –eta preskribitu ez duten– 258 biktimen senideek. Zenbat jenderen heriotzaren erantzule ote dira gizonok? Puche zifrak esatera ausartu da bere liburuan: Eterniten jabeek 360.000 eta 450.000 hilotz izan ditzakete euren bizkar –Uralitaren jabeek berriz 23.785 eta 37.630 artean–. "Lasai asko epaitu ahal izango lirateke Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian", dio ikerlariak.
Beste askok bezala, Schmidheinyk filantrokapitalismoaren bidez estali nahi izan du bere iragana. 1994an AVINA sortu zuen, Hego Amerikan "garapen iraunkorra sustatzeko" fundazioa, eta hortik urte batzuetara 1.000 milioi dolarreko balioa zuten bere enpresen zati bat sozietate baten esku utzi zuen, fundazioa diruz hornitzeko. Ondo irakurri duzu: kapitalismoa jendartearen zerbitzura. Schmidheinyk Ashoka moduko proiektu erraldoiak babestu ditu –ekintzailetza soziala eta turbokapitalismoa batzen duen negozio ildo berria–, baita jesuiten unibertsitateak ere. Suitzarrak harreman zuzena izan du, adibidez, aita Luis Ugalde Olalde teologo bergararrarekin. Venezuelako Andrés Bello Unibertsitateko errektore ohia ezaguna da gurean eta Iñigo Urkullu lehendakariak berak hartu izan du Ajuria-Enean; baina ez da hain ezaguna euskal jesuitak bultzatutako Fe y Alegría misio pedagogikoa amiantoaren industriaren irabazietan oinarritu izan dela Schmidheinyrekin zuen adiskidetasuna baliatuz.
Biktimen mina
Turingo kasazio-auzitegia lepo betetzen zuten biktimen artetik asko Casale Monferratokoak ziren. Italiako Piamonteko herri hartan izan zuen Eternitek 1986. urtera arte bere lantegi nagusietako bat eta dozenaka urtez haur zein helduk irentsi zuten trenez garraiatu eta kamioiek iraulitakoan herriaren erdigunera zabaldutako "laino zuri eta arinak, laster oso familiarra bihurtu zena", La lana della salamandra liburuan Giampiero Rossi kazetariak dioen moduan; fabrikako hondakinak kaleak eta errepideak betetzeko ere erabiltzen zituzten, agintarien politika arduragabearen ondorioz. 34.000 biztanleko herri hartan 2.000 baino gehiago hil dira amiantoaren ondorioz, ez alferrik deitzen diote "minaren munduko hiriburua".
Liburuko protagonistetako bat da Romana Blassoti, egun amiantoaren kontrako sinbolo den ia 90 urteko emakumea. Eterniten lan egiten zuen senarra 61 urterekin hil zen mesotelioma baten ondorioz; sei urte geroago ahizpa hil zen, hauts hilgarria euren arropatan eramaten zutelako etxera haren senarrak eta semeak; gero lantegi ondoan bizi zen lehengusu bat; eta azkenik alaba ere hil zitzaion Romanari, amiantoarekin inoiz lanik egin ez zuen arren. Azken heriotza horrek haserrea piztu zuen herritarren artean: "Romana, minak akituta zegoen eta ez zuen negar askorik egin –dio Rossik liburuan–. Oraindik halako larritasuna sentitzen du gogoratzean. Baina orduan benetan inporta zuen bakarra zen sarraskiak herriko beste hainbat familiari sorturiko sufrimenduagatik justizia eskatzea".
Hil aurreko azkeneko denboretan 400 morfina anpoila behar izaten zituen lau egunetarako, besoan zeraman bonba batekin ezartzen zioten hodi baten bidez
Baina biktimen eta haien senideen minaz jakiteko ez da Italiaraino joan beharrik. Euskal Herrian edozein herritan aurki ditzakegu testigantza gogorrak, Juanjo Basterrak Cuatro Lunas liburuan jasotzen dituenak bezalakoak. Begoña Vila da horietako bat, Marcos Albitre bere senarrak Renfe eta Wagons Lits-entzat egin zuen lan 25 urtez eta trenen kotxeetan barra-barra zegoen amiantoa arnastuz sortu zitzaion pleurako minbizia. Hil aurreko azkeneko denboretan 400 morfina anpoila behar izaten zituen lau egunetarako, besoan zeraman bonba batekin ezartzen zioten hodi baten bidez: "Malkoak masailetan behera erortzen zitzaizkion minaren minez. Ohean ezin zuen lorik egin, salan egiten zuen", dio Vilak liburuan.
Albitre 46 urterekin hil zen 2006an eta heriotzaren ondoren "Begoñak inpotentzia handiz bizi izan zuen enpresaren mesprezua", azaldu digu Basterrak. Hala ere, borroka askoren ostean lortu zuen Bartzelonako ospitale batek frogatzea senarra mesoteliomaz hil zela eta auzitegietan bost urte eman ondoren aldeko epaia izan zuen, CCOOko Jesus Uzkudunen laguntzaz (ikus ondorengo elkarrizketa). "Auziak luzeak dira, egia da –aitortu du kazetariak–. Hasi eta amaitu arte urte asko igarotzen dira eta kaltetutako askok ez dute amaiera ikusten". Basterrak Asviamieko Nuria Busto eta Blanca Ruiz de Eguino abokatuen bulegoko datuak darabiltza: elkarteak tramitatuta 113 epai irmo egon dira orain arte, 80 aldekoak, 17 atzera botatakoak eta 16 kasutan akordiora iritsi dira.
Harlauzekin estalitako historia ilunak
Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsaren helburuetako bat da epaitegietako sufrikario hori ez igaro behar izatea. Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Espainiako Kongresuan eskatuta, funtsa eratzea onartu zen 2017an baina eszeptizismorik ez da falta: "Ikusiko dugu zer pasatzen den, azarotik hona helegiteen aurkezpena atzeratzen ari baitira", dio Basterrak. Funts horrek gutxieneko bat bermatuko lieke enpresa zehatzen kontra jo ezin duten biktimei, bai enpresa desagertu delako edo baita zeharka kutsatu zirelako ere.
Berrikitan Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia esanguratsua eman du Uralitaren kontra, Kataluniako Cerdanyola herrian fabrikaren inguruko auzotarrak kutsatzeagatik. Col-lectiu abokatu elkarteak urteak zeramatzan frogatu nahian fabrikak ez zituela soilik bertako beharginak eta haien senideak kutsatu, baita inguruan bizi zirenak ere. Epaiak amianto konpainia zigortu du bi milioi euro ordaintzera 39 laguni.
Baina Cerdanyolaz gain, badira beste toki batzuk amiantoaren historia iluna harlauza batekin estalita dutenak. Euskal Herrian esaterako, Altza erdi-erdian –orain kiroldegi bat dagoen lekuan– jardun zuen frankismo betean Fibrocementos Vascos S.L lantegiak; makina bat buruhauste eta kezka sortu du iragan industrial hori berreskuratzeak. Barakaldoko Retuerto auzoan, bestalde, Montero Fibras y Elastomeros enpresaren lantegia zegoen, 50, 60 eta 70eko hamarkadetan Espainiako Estatuko hamabost amianto inportatzaile handienetakoa zena. Orain saltoki handiak eta etxebizitzak baino ez daude bertan, baina harlauza altxatuz gero ez da zaila minbiziaren mamua ikusi eta ahaztuen garrasia entzutea, egia eta justizia eske. | news |
argia-bbefc71e724b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/paula-olaz-musika-konpositorea.html | "Soinu-bandaren helburua ez da eszenari lagun egitea, eszenari beste zerbait gehitzea baizik" | Danele Sarriugarte Mochales | 2018-03-25 00:00:00 | "Soinu-bandaren helburua ez da eszenari lagun egitea, eszenari beste zerbait gehitzea baizik"
Bizitza zer den, hara non elkartu diren mahai baten bueltan orain hamar urte eskas itzulpengintza ikasi zuten bi. Bizitza zer den, puntako soinu-bandak egiten dabil gaur egun orain hamar urte eskas itzulpengintza ikasi zuenetako bat: Paula Olaz. Eta hori dute elkartzeko aitzakia bi ikasle ohiek: Olazek solaskideari kontatu dizkio zineman aditzen dugun musikaren nondik norakoak.
Hainbat arlotako ikasketak egin dituzu eta hainbat tokitan bizi izan zara. Zeren bila ibili zara?
Ez dakit… Oso kuriosoa naiz, orokorrean. Itzulpengintza ikasi nuen eta han eta hemen ibili naiz, zeren, gustuko dut beste kultura batean egotea, pertsonak ezagutzea eta nire nortasuna horretara egokitzea. Gero beste gauza asko gustatu zaizkit eta ikasi ditut (medikuntza alternatiboa, musika…). Musika beti izan da hobby moduko bat, beti eutsi diot. Esango nuke komunikatzeko era guztiek ematen didatela arreta, asko gainera.
Gaur egun ikasketak hain espezializatuak direnez, deigarria egin zait halako aniztasuna.
Polifazetikoek asko sufritzen dute gaur egun. Badago presio hori, badirudi bizitzan gauza bakarra egin behar duzula, beste aukerarik ez balego bezala, eta ez baduzu hala egiten erotuta zaude, asko ikasi baduzu ere. Ni saiatu naiz maila akademikoan sakontzen gauzetan, baina egia da ezin dudala nire jakin-mina ezabatu.
Oraintxe esan duzu komunikazioa interesatzen zaizula. Elkarrizketa batean irakurri nizun horregatik ikasi zenuela itzulpengintza, baina gerora, hizkuntzak eskas gertatu eta musikari heldu zeniola. Zer komunikazio-muga aurkitu zenien, bada, hizkuntzei?
Hitzak oso potenteak dira, nahiko bortitzak ere bai. Beti eragiten digu asko zer esaten duten besteek guri buruz eta norbaitekin zaudenean hark zer esaten dizun. Eta musikarekin berriz, ez dakit nola, baina iruditzen zait dena poetizatzen dela pixka bat. Honekin ez dut esan nahi hizkuntzak menderatu ditudanik eta orain beste maila batean nagoenik, ez naiz hain handiustea. Bere garaian asko idatzi nuen, esan nituen esan beharrekoak, eta jada pasa zait horrela komunikatzeko momentua. Orain, musikarekin deskubritu dut beste lengoaia bat. Hala ateratzen zait, ez dut aukeratu bestea txiki geratu zaidalako.
Musika ez da hizkuntza bezain unibokoa?
Hitzek badute hiztegi bat, eta hiztegiak esaten dizu hitz honek hau esan nahi duela. Gero, eraldatzen ditugu, baina normalean badute oinarri bat. Eta musikan, aldiz, nork esan dezake sol notak esanahi zehatz bat duela? Hori esaten duena flipatu bat da. Musika ezin duzu eskuen artean hartu, ezin duzu kontrolatu, ez duzulako zuk asmatu.
Argazkia: Dani Blanco.
Edonola ere (hizkuntza) interprete jardun zinen Ginebran, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan.
Oso esperientzia polita izan zen. Gobernuz kanpoko erakunde batekin aritu nintzen: ILGA Gay eta Lesbianen Nazioarteko Elkartearekin. Polita izan zen, zeren, sentitu nuen zerbait praktikoa egin nezakeela itzulpengintzarekin; beti izan dut arantza hori, itzultzea ez zait asko gustatzen, baina ikusten badut nire ekintzek eragina dutela, eta gainera zenbait egoera salatu ditzakedala… Hori gustatu zitzaidan. Iruditu zitzaidan zerbait inportantea egiten ari nintzela hor egonez eta jendearekin hitz eginez.
Nolatan erabaki zenuen azkenean musikari buru-belarri heltzea?
Halako krisi existentzial bat eduki nuen: oso gaizki pasatu nuen, ez nuen nire lekua aurkitzen, ez nekien zer egin nahi nuen bizitzan. Amarekin hitz egin nuen eta esan zidan isiltasunean pentsatu behar nuela (nahiko meditatiboa naiz), eta pentsatu behar nuela ea zer nuen gustuko txikia nintzenean, atzera jo behar nuela eta ikusi ea zer atera nezakeen hortik. Izan ere, txikitan oraindik ez dago filtrorik, eta barruan daukazuna ateratzen da, zure izaera. Azkenean konturatu nintzen txikitan txistuka aritzen nintzela beti, eta pianoa jotzen, eta ez nituela partiturak irakurri nahi izaten. Kontserbatorioan nenbilenean ere, beti egiten nituen nire konposizioak, eta erabaki nuen saiatu behar nuela nire ametsa betetzen: Berklee College of Music unibertsitatera aurkeztu nintzen. Eta hartu egin ninduten. Musika modernoko unibertsitate onena omen da. Bostonen dago, eta gero Valentzian ipini zituzten masterrak. 30 lagun bakarrik hartzen dituzte. Mundu guztiko jendea aurkezten da, eta esan nuen: bada hautatu banaute, zerbaitegatik izango da.
Urtebetez egon naiz Valentzian, eta sekulako bultzada izan da. Orduz geroztik harrituta nabil, zeren gauzak ez ditut inoiz hain bideratuak izan; adibidez, hasi nintzen doktoretza bat egiten medikuntza alternatiboari buruz, eta oso zaila izan zen medikuekin-eta hitz egitea. Gauza asko egin ditut bizitzan kolpeka, oztopoei aurre eginez eta oraingoan aldiz, Berkleen ikasi ondoren erraz etorri da dena. Oso esker oneko nago.
"Zinemaren munduak badu glamour bat, bideo-jokoetan lan egiten duena berriz, oso jende normala da"
Kontserbatorioek ez dute sorkuntza bultzatzen?
Kontserbatorioek interpreteak baino ez dituzte nahi, eliteko interpreteak gainera, eta horrek esan nahi du onena izan behar duzula, ez ehunen artean, baizik eta bost milaren artean. Kontserbatorioetan musika bideratzen dute kontzertuetara bakarrik: izan behar duzu kontzertu-jotzailea, eta onena gainera. Baina horrek frustrazio handiak sortzen ditu, zeren badaude musikari batzuk zerbait berezia daukatenak, baina beste batzuk, saiatu arren, ez dira inoiz iritsiko horretara, eta bakarrik ikusten dute beste alternatiba bat: irakaskuntza.
Kontserbatorioan ez da musika ematen gozatzeko bide bezala edo esperimentatzeko bide bezala. Eta, zer, musika landu behar dugu soilik besteen piezak jotzeko kontzertu batean? Musika ez da hori bakarrik, musika artea da, eta arte horren bitartez erlazio bat garatzen duzu, eta pixka bat sustatuko balute lasaitasun hori, esango balute "egon lasai, ez duzu zertan interprete izan, gozatu musikarekin, zeren inork ez dauka egia absolutua"… Baina kontrakoa egiten dute. Badirudi kontzertuetako musika intelektuala dela balio duen bakarra, eta hor ez bazaude ez zarela inor, baina ez da hala, musika ez da gauza pribatua.
Soinu-bandak konposatzen dituzu. Nola hasi zinen horretan?
Oso mundu polita da, baina nahiko itxia. Berkleen ikastea bultzada itzela izan zen, zeren seriotasun bat ematen dizu. Ez da master teoriko normal bat, amerikar erara egiten dute, eta hori da benetan lanean aritzea bezala. Irakasleek betetzen zuten zine-zuzendariaren rola, ematen zizuten sekuentzia bat musika jar zeniezaion. Orduan egiten zenuen zure proposamena eta haiekin lantzen zenuen. Eta hartzen zenituen atal guztiak: konposatu, orkestratu (orkestra batekin ari bazinen), estudioetan nahasketak egin… den-dena, gero autonomoa izateko. Ni egunero egoten nintzen laborategian goizeko bederatzietatik gaueko ordu biak arte, asteburuak barne. Izugarria zen. Hor ikasten baduzu oso prestatuta ateratzen zara.
Zer eman behar dio soinuak ikus-entzunezko piezari?
Askok esaten dute musikak lagundu egin behar duela eszena, eta hori ez zait asko gustatzen, musikaren helburua ez da eszenari lagun egitea eta eszenan akats bat baldin badago musikak ateratzea atakatik (eta hori askotan gertatzen da). Niretzat, musikaren zeregina da sentimenduak adierazteko beste era bat ematea. Konpositoreek, normalean, musikarik gabe jasotzen dute materiala: baduzu eszena bat eta, pertsona zaren aldetik, gauzak sentitzen dituzu eszena hori ikustean, eta zure lana da hori musikara itzultzea. Seguru aski zuk sentitu duzuna eta zuzendariak sentitu duena ez da justu gauza bera izango, baina nire ustez horixe da politena: zerbait ezberdina ematea eszenari.
Eta nolakoa da zure sortze-prozesua?
Normalean zuzendariarekin egoten zara, eta berarekin ikusten duzu pelikula muntatua, lehengai gordina. Berak bere hitzekin esplikatzen dizu zer-nolako soinua jarri nahi liokeen, horregatik esan ohi dut psikologoaren papera betetzen dugula hein batean. Esaten dizute nahi dutela zerbait sakona… baina zer da musika sakona? Askok ez dakite asko musikaren inguruan, baina gizaki guztiok ditugu sentipenak, beraz zuzendariarekin egoten zara eta saiatzen zara hura ulertzen. Gero baduzu zure ulerkera, pelikula osoa ikusi eta saiatzen zara bilatzen halako kolore edo izaera musikal bat, eta horrekin hasten zara lanean. Hasten zara konposatzen, probak egiten dituzu, bidaltzen dizkiozu zuzendariari, hark mila buelta ematen dizkio, eta bera denez zuzendaria, bada… Zuzendaria ulertzen saiatzeak motibatzen nau, desafio ederra iruditzen zait.
Langintza zaila al da?
Zuzendari batzuk gustatzen zaizkizu eta ondo moldatzen zara, baina beste batzuek bestelako modu batean ulertzen dute musika, eta egia da batzuetan tokatzen zaizula egin nahi ez dituzun gauzak egitea, ez zara gustura geratzen, zeren eskatzen ari zaizkizuna eta zuk ikusten duzuna gauza ezberdinak dira, baina egin behar duzu… Azkenean lan bat da, eta batzuetan utzi behar duzu egoa albo batera, eta bestearen obra denez, lan egiteko bideak bilatu, bat etorri ez arren. Pelikula handiei buruz ari naiz: pelikula horietan presio handia dago, diru asko, urtetako lana… Zuzendariek nahi dute dena ondo ateratzea, eta zuk horretan lagundu behar duzu.
Argazkia: Dani Blanco.
Pascal Gaigne konpositorearen taldean aritu zara Handia , Errementari eta Dantza filmetan. Zer moduz?
Izugarrizko zortea izan dut Pascalekin lan egiteko aukera dudalako. Zinemaren munduan askotan ikusten duzu garrantzitsuena zera dela: zure izaera eta komunikatzeko ahalmena. Eta uste dut horregatik moldatzen naizela hain ondo Pascalekin. Musikaren aldetik asko gustatzen zait berak egiten duena, oso delikatua da. Badu mundu bat oso-oso polita, eta musika ulertzeko modu jakin bat: ez da konpositore mainstream bat inondik ere. Gustatzen zait zeren, oso artisaua da, berak ere hala esaten du, ez ditu gauzak egiten inor inpresionatzeko, egiten duena egiteko beharra sentitzen duelako baizik, ez dauka bizitzeko beste erarik. Eta izaera hori eta lasaitasun hori ez da maiz topatzen zinemaren munduan, nik behintzat horren falta nabaritzen dut: konpositore guztiak oso estresatuta daude, azkar egin behar dute lan, eta gainera kreatiboak izan. Pascalen kasuan, berriz, ikusi dut badela zineman lan egiteko beste era bat, eta horregatik sentitzen naiz hain zorioneko.
Bideo-jokoetarako ere konposatu duzu musikarik: alde handia al dago zinemaren eta bien artean?
Bai, oso handia. Pelikula bat egiteko behar dira 2-3 urte, bideo-joko bat egiteko, berriz, 7-10. Pentsa, pelikula batean, ordu bat musika egin behar duzu, eta bideo-jokoetan, berriz, 10 ordu… Dena interaktiboa da, hainbat gauza prestatu behar duzu, jokalariak egiten duenaren arabera bata ala bestea sartzeko. Denak egon behar du oso ondo pentsatuta, bideo-jokoetako musika ez baita lineala, ez du hasiera bat eta bukaera bat.
Gustuko al duzu mundu hori?
Bai, gainera horretan dabilen jendea itzela da. Zinemaren munduak badu glamour bat, publikoa denez, eta horretan lan egiteak giro horretan sartzen zaitu. Baina bideo-jokoetan lan egiten dutenak programatzaileak dira, oso jende normala, eta oso erraza izaten da haiekin lan egitea. Gainera, normalean ez dakitenez hainbeste musikari buruz eta ez daudenez hainbeste eredu, pixka bat irekiagoa da. Zineman, batzuek esaten dizute: asko gustatzen zait Ennio Morriconeren soinu-banda, egin halako zerbait. Baina ba al dute halako zerbait egiteko adinako aurrekonturik? Eta filmak berak ematen al du halako zerbait egiteko? Bideo-jokoetan inork ez dizu halakorik eskatzen.
Zer beste lanetan zabiltza?
Dokumental askotan aritzen naiz, eta gero baditut nire proiektuak, neuk sortutakoak. Hemen, zeuk egin ezean, inork ez dizu deitzen. Nik ideiak izaten ditut eta saiatzen naiz horiek aurrera eramaten. Uste dut artistak beti landu behar dituela bere proiektuak, eta sortzen jarraitu, inor bila etortzeko esperoan egon gabe. | news |
argia-d295967e2025 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/rock-ekaitz-bortitza.html | Rock ekaitz bortitza | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2018-03-25 00:00:00 | Rock ekaitz bortitza
Iluntasuna. Trumoiak, tximistak, sua. Ekaitz bortitza. Distortsioa, energia handia, doinu gordinak eta basatiak entzun daitezke Liher taldearen azken lanean. Stoner rock eta rock-and-roll kutsuko kantak dira, hardcore, blues eta soul ukituekin.
Gitarra indartsuak, erritmo biziak, astunak, lasaiagoak diren beste batzuk ere bai, eta bat-bateko erritmo aldaketak daude kantetan. Leloak, koruak, moldaketak eta xehetasun eta ñabardura guztiak zehatz eta arreta handiarekin egin dituzte, Iñigo Etxarri eta Karlos Osinaga teknikarien laguntza estimagarriarekin. Nahiz eta kanta batzuek giro leunxeagoa izan, diskoko lehen kanta hasi eta azken kanta amaitu arte ez dago atsedenik edo arnasa hartzeko astirik. Aipagarria da Lide Hernandoren ahotsa eta kantatzeko modua: oihuka, kemen handiarekin, edo gozo, melodia politekin. Grina handiarekin aritzen da, bere taldekideak bezala.
Kantekin salaketa eta kritika zorrotza egiten dute, hitzak bizi garen mundu honen ispiluak dira: "Ereindakoaren ustela gordinik jango duzue" ( Nor da piztia? ), "Bizitza motza dela esan ziguten, motzegia zoriona lortzeko, zizareak dira bakarrak hemen, ez dutenak inoiz goserik pasako" ( Penitentzia ), "Jaiotzetik zupakiaz gain oparitzen digute gure hobia aitzurtzeko pala" ( Zamalagun ), "Azpimundu honetan pozoia jana da, gosea lana da" ( Oskol gogorrena ), "Iluntasunak ematen dit adorea, ukitzeko begiek ikusi nahi ez dutena" ( Beltz gara ), "Garai honen zigorrik handiena gure azalari kateaturik gaudela" ( Erostrato ).
Hasiera batean, Liher taldea Lideren proiektu bezala ezagutu genuen, 2015ean Arrazoi gutxi denbora asko maketa kaleratu zuten eta 2016an Hauts diskoa, baina pixkanaka, entseguz entsegu, emanaldiz emanaldi, kantuz kantu eta diskoz disko, talde izaera gauzatu egin dute. Horrela, Tenpluak erre diskoa talde oso baten lana dela nabarmena da. Halaber, urratsez urrats, beren soinua lantzen eta fintzen aritu dira, sendotzen, eta orain hasieran baino gogorragoa, gordinagoa eta indartsuagoa da. | news |
argia-bebf0520942d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/13-milioi-kideko-zuhaitz-genealogikoa.html | 13 milioi kideko zuhaitz genealogikoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-03-25 00:00:00 | 13 milioi kideko zuhaitz genealogikoa
AEBetako Columbia Unibertsitateko ikerlari talde batek geni.com genealogia plataforma kolaboratiboko 83 milioi profil aztertu ditu eta Science aldizkarian eman du emaitzen berri.
Guztira, oraingoz elkarren artean loturarik ez duten 5,3 milioi zuhaitz bereizi dituzte eta zuhaitz genealogikorik handiena 13 milioi pertsonek osatzen dute. Yaniv Elrich genetista eta ikerlan honen arduradunaren arabera, "gizaki guztiak familia bereko kideak" garela ondoriozta daiteke lan honetatik. Baina oraingoz familia hori mugatua da, webguneko erabiltzaile gehienak Europakoak nahiz Ipar Amerikakoak eta ingeles hiztunak baitira. Beraz, erabiltzaileen profila zabaldu ahala handituko da familia. | news |
argia-9a7feb5c3e66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/asbestoa-ad-infinitum.html | Asbestoa 'ad infinitum' | Maria Roselli | 2018-03-25 00:00:00 | Asbestoa 'ad infinitum'
Suitzan bizi den Maria Roselli kazetari italiarraren "Asbestoaren gezurra" liburua 2007an argitaratu zen lehen aldiz alemanez, ondoren gazteleraz, ingelesez... Arrakasta itzela izan du, amiantoaren biktimen erretrato zehatza emateaz gain, lehengo eta oraingo asbestoaren industriaren interesak oso ondo deskribatzen dituelako. Segidako testuan, liburuaren epilogoaren laburpena duzue.
Tamalez, asbestoa ez da kuriositate historiko bat. Inork egiatan pentsa zezakeen herrialde industrializatuetako biktimen kopuru ikaragarria nahikoa litzatekeela zuntz hilgarria komertzio globaletik ateratzeko. Baina guztiz kontrakoa da. (…) Amiantoaren kontsumoa esponentzialki handitu da garapen bidean dauden herrialde askotan. Nolabaiteko lehiaketa dago Mendebaldeko herrialdeetako debekuaren aurrean abantaila lortzeko. Baina kostuaren ondorio ere bada: asbestoa bere ordezkoak baino askoz merkeagoa da! (…)
Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) kide diren herrialdeen %73an asbestoa prozesatzea eta erauztea oraindik baimenduta dago eta %36an oraindik oso aktibo. OMEren arabera 125 milioi pertsona daude mundu osoan amiantoaren eraginpean euren lanpostuetan. Ordaindu beharreko giza prezioa izugarria da. (…)
Herrialdeotako asbestoaren tragediaren errua ez da soilik eskrupulorik gabeko enpresena –itxurak egiten zituzten segurua zela esanez, baina inork baino hobe zekiten ez zela horrela–, baita nazioarteko erakunde handiena ere. Amiantoaren konpainia multinazionalen propagandak itsututa daude erakundeok, zenbait herrialdek lehen debekua ezarri eta urte mordo bat geroago ere. Asbestoaren lobbyak trikimailu zaharrak erabiltzen segitzen du garapen bidean dauden herrialdeetan, irtenbide bat bilatzeko prozesu politikoan eragiteko: oraindik badaude ikerketa "zientifikoak" diotenak krisotiloa (amianto zuria) ez dela kaltegarria.
Asbestoaren lobbyak trikimailu zaharrak erabiltzen segitzen du garapen bidean dauden herrialdeetan, irtenbide bat bilatzeko prozesu politikoan eragiteko: oraindik badaude ikerketa "zientifikoak" diotenak krisotiloa (amianto zuria) ez dela kaltegarria
Hala, oraindik posible da gobernu batek "erabilera kontrolatuaren" gezurra irenstea, eta konpainia suitzarrek bere garaian zabaldu zuten amianto ustez seguruaren ipuinak hedatzen jarraitzen du burugogor. (…)
Asbesto zementuaren langileen tokiko "sindikatuak" paper ulergaitz eta zalantzazkoa jokatzen ari dira tragedia honen hurrengo atalean. Adibide bat: OMEk eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2006an amiantoa debekatzeko kanpainari babesa eman ziotenean, Errusia, Errusia txuria, Azerbaijan, Kazakhstan, Kirgizistan, Ukraina eta Tajikistango amianto zementuaren sindikatuek Krisotiloaren Sindikatuen Aliantza izeneko erakunde-aterkia sortu zuten, antza, fibrozementuaren konpainiak "zientifikoki gezurra diren erasoetatik" babesteko eta etor zitezkeen debekuak bertan behera uzteko. (…)
Mukizapiak asbestoagatik babesteko
Laneko osasun onena duten herrialde industrialetan "erabilera kontrolaturako" neurriak ez badira egingarriak, nola funtzionatuko dute substantzientzako mugarik ez dagoen beste herrialdeetan? (...)
Gaur egun asiar herrialde gehienetan jendea asbestoa prozesatzen ari da inolako babesik gabe: Txinan, etxean lan egiten dutenek –normalean nekazariak eta haien emazteak– euren egongelan sailkatzen dituzte amianto zuntzak eta ondoren fabrikara bueltatzen dituzte han prozesatzeko. Indiako fabriketako langileek asbesto zakuak labanaz moztu eta eskuz irekitzen dituzte, gero zuntz konpaktatua egurrezko mailu batekin hausten dute zementuarekin nahastu aurretik. (...) Ehunka mila ari dira lanean, ahoa mukizapiekin soilik estalita dutela.
Gaur egun asiar herrialde gehienetan jendea asbestoa prozesatzen ari da inolako babesik gabe: Txinan, etxean lan egiten dutenek –normalean nekazariak eta haien emazteak– euren egongelan sailkatzen dituzte amianto zuntzak eta ondoren fabrikara bueltatzen dituzte han prozesatzeko.
Rotterdameko Hitzarmenaren esperantza
Zer egin daiteke amiantoaren erokeria gelditzeko garapen bidean dauden herrialdeetan? Amiantoaren kontrako aitzindari eta urte askoz Asbestoa Debekatzeko Nazioarteko Idazkaritzako koordinatzaile izan den Laurie Kazan-Allenek uste du pauso garrantzitsu bat izango litzatekeela krisotiloa 1998an onartutako Rotterdamgo Hitzarmenean sartzea. (...)
Baina hitzarmenaren arabera garapen bidean dauden herrialdeek blokeatu dezakete modu seguruan erabili ezin dituzten produktuen inportazioa (...) eta asbestoaren gezurrak bizitzari heltzen dio egoskor, en aeternum, suntsiezin eta betiereko.
[2017an seigarrenez ukatu zuten krisotiloa edo amianto zuria Rotterdamgo Hitzarmenaren gai kutsagarrien debeku zerrendan sartzea, India, Errusia, Kazakhstan, Kirgizistan, Siria eta Zimbabweren eskariz]. | news |
argia-b42561765085 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/saharako-egarria-asetzeko-emakumeek-dute-giltza.html | Saharako egarria asetzeko, emakumeek dute giltza | Garazi Zabaleta | 2018-03-25 00:00:00 | Saharako egarria asetzeko, emakumeek dute giltza
Jakina da gizakiok eta izaki bizidunok bizitzeko nahitaezko dugula ura. Nazio Batuen Erakundeak ere gizaki guztiok ura izateko dugun eskubidea txertatua du bere oinarrietan. Baina, nola bizi dute eskubide hori, esaterako, Hamadako desertu idorrean bizi direnek? Saharako errefuxiatu kanpamentuetan kalitatezko ura lortzeko zailtasunek erronka bihurtu dute herritar guztiek urerako sarbidea bermatua izatea. Horretarako laguntza lanean dihardu Arabako SEADen Lagunen Elkarteak.
Elmaa : Hasanieraz, sahararren hizkuntzan, ura. Garrantzia bereziko hitza da elmaa Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetan. Udan 45 graduko tenperatura jasaten duten eremu lehorrean, ez da gutxiagorako. 40 urte baino gehiago daramatzate 165.000 saharar inguruk Hamadako basamortuan sortutako kanpamentuetan bizirauten, euren herrira noiz bueltatuko zain. Erresistentziaren ikur da sahararren borroka, eta erresistentzia modu bihurtzen da errefuxiatuen eguneroko bizitza kanpamentuetan.
1975ean okupatu zuen Marokok ordu arte Espainiaren kolonia zen Mendebaldeko Sahara, Martxa Berdea bezala ezaguna den inbasioaren bidez. Gerra hasi, eta milaka herritarrek beren etxeetatik ihes egin behar izan zuen, ustez denbora tarte txikia izango zen aldi baterako. "Gerratik ihesean zihoazela, ura zegoen lekurantz joan ziren errefuxiatu sahararrak kanpamentuak ezartzeko", azaldu digu Arabako SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Lagunen Elkarteko kide Geert Demonek.
Izan ere, ur poltsa handiak daude Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetako lurraren azpian. Hasierako urteetan, errefuxiatuek eurek eskuz egindako putzu probisionaletatik ateratzen zuten ura, familia-putzuetatik. 1994an ordea, euriteek uholdeak eragin, eta saneamendu sistema egokirik ez zegoenez, urak kutsatu eta kolera izurritea eragin zuen El Aaiunen. Autoritate sahararrek familia-putzuak itxi eta uraren kudeaketa antolatzeari ekin zioten.
Ur fosila basamortuaren azpian
Urez hornitzeko egun darabilten sistema konplexua da. Ura herriguneetatik kanpo dauden ehun metro inguruko sakonerako putzuetatik ateratzen dute. "Ur fosila da kanpamentuen azpian dagoena, duela milaka urte pilatuta dagoena. Ur fosilak esan nahi du ateratzen den kantitatea ez dela inoiz bueltatuko, petroleoa bezala da". Dena den, segituan azpimarratu du Demonek milaka urtetarako ur kopurua dagoela kanpamentuen azpian.
Zulaketetatik lortzen duten uraren kalitatea, hala ere, ez da guztiz ona: "Gatz kopuru handiak ditu, eta baita nitratoenak ere". Horregatik, ura tratatzeko osmosi plantak eraiki dituzte eta kloratze sistema ezarri. "Instalakuntza horiek ez dute gaitasun nahikoa kanpamentuetako biztanle guztiei ur tratatua emateko, ordea. Horregatik, zenbait willaya tan (kanpamentutan) txandakatu egiten dute: denbora tarte batean ur tratatua, beste tarte batean tratatu gabea", dio kideak. Dajlako willayan, adibidez, tratatu gabeko ura soilik hartzen dute, osmosi plantarik ez dutelako.
Behin ura erauzita eta zenbait kasutan plantetan tratatua izan ondoren, nola egiten dute banaketa? Bi modu dauzkate: zenbait kanpamentutan zisterna-kamioien bitartez, eta beste zenbaitetan hodi sarearekin. Kamioiek kanpamentuen kanpoaldeko puntuetan jasotzen dute ura eta errepide ondoan familiek pilatzen dituzten deposituetan deskargatzen dute, auzo bakoitzeko ordezkariaren —beti emakumezko bat— gidaritzapean. Hoditeria bidezko ur banaketa sarea ere ez da etxe bakoitzera iristen: iturri komunitarioak daude, eta auzo bakoitzeko ordezkaria da iturriari tutu malgua erantsi eta familien deposituok betetzeaz arduratzen dena. "40 urteren ondoren oso ongi antolatuta dute eta oso ohituta daude banaketara", dio Geertek.
Emakume sahararra,uraren banaketan arduradun
Ura izateko eskubidea denena bada ere, Saharako kanpamentuetan emakumeak dira eskubide horren erantzule. "Familiako betebeharrak dituen emakume bakoitzak metro kubo bat ur jasotzeko eskubidea dauka. Berdin dio emakumea ezkonduta, bananduta edo dibortziatuta dagoen", dio Geertek. Dena dela, banaketa ofizial horren ondoren familia eta bizilagunen arteko elkartasunaren bidez uraren nolabaiteko birbanaketa egiten da, familia bakoitzeko beharren arabera.
Uraren banaketaren antolakuntzan ere emakumeak dira protagonista. Daira bakoitzak –willayaren barruan banatzen diren hiriguneak dira dairak– bere Uraren Komitea dauka, eta denak emakumezkoak dira komite horietan: daira bakoitzeko lau auzoetako ordezkariek, lehendakariak eta idazkariak osatzen dituzte. Uraren eskualdeko zuzendaritzan eta, maila nazionalean, Uraren eta Ingurumenaren Ministerioan emakumeen presentzia txikiagoa da, katean gora egin ahala gizonezkoak nagusitzen baitira.
Emakumeen komiteetako rol garrantzitsu horren inguruan galdetuta, uraren gaian ez ezik gizartearen antolaketa osoan nabarmentzen dela kontatu digute arabar aktibistek: "Bestelako komiteak ere badaude, elikagaiena edota hainbat zerbitzurena adibidez, eta horietan ere emakumeak dira nagusi. Beraiek daukate kanpamentuetan zer eta nola banatzen denaren kontrola, eta beraiek arduratzen dira guztiengana iristeaz", dio Usune Zuazo elkarteko kideak. Izan ere, emakumeak izan ziren kanpamentuak eraiki eta bertako gizartea antolatu zutenak, eta gerra ondoren gizonezkoak bueltatu zirenean rolen eta funtzioen banaketa berria gertatu bazen ere, emakume sahararrak bertako gizartean paper oso garrantzitsua mantendu duela nabarmendu dute denek.
Arabako SEADen Lagunen Elkartea eta uraren proiektua
"SEADeko gobernuaren lana babestea eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidearen defentsa egitea da gure lana, besteak beste". Raquel Calvo elkarteko kidearen hitzak dira. Taldearen 30 urteko ibilbidean perspektiba horrekin proiektu ugari jarri dituzte martxan, eta horietako bat da urarena.
Uraren banaketak bere arazoak izanda ere, gutxi gorabehera ongi egiten zela ikusi zuten elkarteko kideek, baina kateko azken puntuan huts egiten zuen: "Familien metro kubikoko deposituek arazo handiak zituzten: zink galbanizatuzkoak ziren eta oso zaharkituak zeuden, herdoilduta", azaldu du Geertek. Herdoilak depositu asko zulatu zituen eta ondorioz ura galdu eta honen kalitatea ere kaltetu egiten zuten. Eusko Jaurlaritzari deposituak aldatzeko proiektua aurkeztu eta diru-laguntza eskatu zuten 2015ean: jasotako laguntzarekin ia 3.000 polietilenozko depositu berri eta horiei altura emateko euskarriak erosi ahal izan zituen SEADeko gobernuak.
Urgentziaz aldatu beharreko deposituen erdiak aldatzea lortu zuten lehen proiektu hartan, eta 2017an proiektuaren bigarren zatia onartu zuen Eusko Jaurlaritzak: beste 1.700 depositu eta euskarri aldatuko dituzte aurten. Horrez gain, proiektuaren barruan zisterna-kamioi bat eta horien konponketarako piezak ere bidaliko dituzte kanpamentuetara. | news |
argia-cd27961b5573 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/occupy-daigun.html | Occupy daigun! | Aiala Elorrieta Agirre | 2018-03-25 00:00:00 | Occupy daigun!
Hamarkada bat igaro da Gu gara %99 leloa zabaldu zenetik. Azken krisi kapitalistaren zurrunbiloan egin zen ezagun esalditxoa atlantikoaz bestalde okupatu ziren plazetan. Ordutik hona, munduko biztanleriaren ehuneko txiki batek aberastasun osoaren zati are handiagoa kontzentratzen jarraitzen du.
Nancy Fraser teorialariaren arabera, krisi kapitalista ikuspegi kritiko-sozial batetik aztertzen duen teoriarik ez dago. Bere ustez, krisia prozesu sozial gisa ulertu beharra dago. Horretarako ezinbestekoa da esparru ekonomikoa gainditzen duen ikuspegi multidimentsionaletik abiatuta, poskolonialismoa, ekologia, pentsamendu feminista eta gobernantza kritikoaren ideiak barneratzea. Karl Polanyiren The Great Transformation maisulanaren berrirakurketari esker bere eredu propioa proposatzen du Fraserrek.
Zein da hitz gutxitan Polanyik deskribatutako Eraldaketa Handi hori? Polanyik, gizarte kapitalista –eta krisi kapitalista– prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen ditu. Krisien jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan, ekonomiak gizartean hartzen duen lekuan baizik. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira eta arau sozialen arabera erregulatu. Bestela esanda, merkatuak ez ziren arau ekonomikoen menpe erregulatzen. XVIII. mendearen amaieran kokatzen du Polanyik Ingalaterran Eraldaketa Handiaren hasiera: alegia, merkatuek gizartean txertatuta egoteari utzi ziotenean. Eraldatze Handiaren garaian, Merkatuen Autorregulazioaren dogma finkatu zen. Era honetan, merkantilizazio prozesuaren bidez, merkatuak gizartean txertatuta eta araututa egotetik, gizartetik askatu eta arau ekonomiko hutsen menpe egotera pasatzen dira. Ondorio bezala, gizartea, morala eta etika merkatuen menpe geratu ziren.
Karl Polanyik gizarte kapitalista –eta krisi kapitalista– prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen ditu. Krisien jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan, ekonomiak gizartean hartzen duen lekuan baizik. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira eta arau sozialen arabera erregulatu
Polanyik gizarte borrokaren garrantzia azpimarratzen zuen, baina gatazka lanaren eta kapitalaren artean irudikatu ordez, bi mugimendu edo indarren artean ikusten zuen: Merkantilizazioa eta Gizarte Babesaren aldeko mugimenduaren artean. Gizarte Babesaren barruan sartzen dira gizartea babeste aldera, gizarte segurantza, errenta birbanatze politikak, gizarte elkartasuna edota negoziazio kolektiboa. Bi joera hauen arteko tentsioan deskribatzen zuen Polanyik gatazka. Antzeman zuen bazegoela klasez gaindiko mugimendu bat gizartearen alde egiten zuena (ekonomiak gizartean zuen jatorrizko lekura itzuli zedin), baina sekula ez zuen ideia hori teoria batean sakondu. Fraseren ekarpen nagusia eredu hau osatzen duen hirugarren indarra da: Askapenaren aldeko mugimenduak, zeinetan, mugimendu feminista, ekologismoa edota anti-inperialismoa kokatzen dituen. Mugimendu hauen helburua mendekotasun egoerak gainditzea da, esplotazio eta bazterketak amaitzea.
Fraserrek inspiratzen jarraitzen gaitu eta berriki feminismoaren harira egindako hausnarketa bat ekarri nahi dut hona. Bere ustez, feminismoak eta bestelako askapenerako mugimenduek arriskua dute, %1aren bere bertsio propioa egiteko eta biztanleriaren elite batentzat baino funtzionatzen ez duten irtenbideak proposatzeko. Askapen mugimenduak %99ari begira egin behar dira eta proposatzen diren alternatibek gehiengo horrentzat izan behar dute baliagarri, eta ez eliteko emakumeentzat, ez eliteko ekologistentzat, ezta iparraldeko-zuri herritarrentzat ere. Azken martxoaren 8an feminismoak kaleak okupatu zituen, gure hiri eta herriak jende oldez bete genituenean. Occupy daigun! Eraiki ditzagun gizartearen %99arentzat baliagarria diren askapen mugimenduak. | news |
argia-5ee4807732bb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/sebastien-castet-euskal-konfederazioko-kidea.html | Euskalgintzaren begirada, apirilean Euskal Elkargoak aurkeztuko duen hizkuntza politikari | Jenofa Berhokoirigoin | 2018-03-25 00:00:00 | Euskalgintzaren begirada, apirilean Euskal Elkargoak aurkeztuko duen hizkuntza politikari
Euskal Elkargoak hizkuntza politika bere gain hartzearen alde agertu ziren gehiengo handian egitura berri honetako hautetsiak, iazko otsailean. Apirilaren 14an aurkeztuko dute hizkuntza politika proiektua. Horrez gain, jakina da instituzioak euskarari ezagupen bat emanen dion adierazpen bat ere aurkeztuko duela. Zein motatako aitortza izango den ez bada zehazturik, adierazpen garrantzitsua izango dela erran daiteke. Guzti horretaz xeheki hitz egin digu Sebastien Castet Ipar Euskal Herriko euskalgintzan dabiltzan egiturak biltzen dituen Euskal Konfederazioko kideak.
Euskal Elkargoak landu hizkuntza politikaren berri ukanen dugu apirilaren 14an. Zer espero du Euskal Konfederazioak?
Euskal Elkargoa sortu zenean jakin zen EEP Euskararen Erakunde Publikoaz gain, beste eragile bat izanen zela Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika publikoa garatzeko. Ipar Euskal Herriko herri guztiak biltzen ditu Euskal Elkargoak eta guk argi dugu EEPren gidaritza hartu behar duela, justuki Ipar Euskal Herri mailako hizkuntza politika eramateko. Hizkuntza politika ausarta eraman beharko du. Batetik, instituzioaren baitan, eskaintzen dituen zerbitzuetan, eta bestetik, elkargoak euskararen alde hartu neurrien alde egitera bultzatuz herriko etxeak. Bestetik, oroitarazi behar da EEPren baitan herrien arteko sindikatua eta Hautetsien Kontseilua ordezkatu dituela Euskal Elkargoak. Hor ere, pentsatzen dugu motor lan bat eraman behar duela eta hizkuntza politika ausartak hartzera bultzatu behar dituela Estatua, Akitania eta Departamendua. Ez da ahantzi behar Euskal Elkargoak duela EEPko lehendakaritza. Hizkuntza politika mailan gidaritza lana hartzea nahi dugu.
Zertan da hizkuntza politikaren idazketa?
Ari dira. Euskalgintzako eragileoi lehen txosten bat aurkeztu digute eta hilabete bat dugu ekarpenen egiteko. Ez dakigu kontuan hartuak izanen diren, hori hautetsiek erabakiko dute. Dena finkatzen ari da eta proiektuan sartu gabe erran dezakedana da guk espero duguna eta gure ustez eginen dena: Batetik, orain arte hamar herri eta hiri elkargoetan egiten zena Ipar Euskal Herri osora orokortuko dela, hizkuntza politika gorantz tiratzeko. Bestetik, nahi genuke koska bat gorago kokatzea hizkuntza politika. Arloz arlo badira hainbat oztopo eta guk uste dugu Euskal Elkargoa baliatu behar dugula horien gainditzeko.
Nola egin daiteke?
Esperimentazio eskubidea aipatzen dute Frantziako Legedian ematen ari diren erreforman. Eskubide horren bidez aplikatzen ahal zaio zonalde bati Frantzia osoan aplikatzen ez dena, baimen berezi batzuen bidez.
"Esperimentazio eskubideak baditu mugak eta agian ezberdintze eskubidearekin urrunago joan gaitezke; hori definitzen ari gara"
Eskubide hau nola erabiltzea nahi duzue?
Arloz arlo, eskubide honen bidez hizkuntza politikari zer gehiago ekar dakiokeen zerrendatzea galdetzen diogu elkargoari. Bi esperimentazio eskubide mota badira. Edo, instituzio batek eskumen gehiago hartzen ditu, edo eskumen berak atxikiz, hainbat gauza egiteko baimen bereziak lortzen ditu. Adibidez, ikastolen finantzamenduari doakionez, badakigu Falloux legeagatik, tokiko kolektibitateek ezin dituztela ikastolak zuzenki diruztatu. Esperimentazio eskubide horrekin nahi dutenei Seaskari sosa emateko ahala bideratu behar lieke. Hala ere, eskubide horrek desabantaila bat du: denboran mugatua da eta bukaeran edo Frantzia osora orokortzen da, edo bertan behera uzten da. Hori da arazoa. Bestalde, ezberdintze eskubidea ere hor da. Momentuz, aukera guztiak lantzen ari gara, ez da oraindik erabakia.
Eskubide bat izan arren, Parisen baimena beharko da.
Bai. Uste dut Parisek dekretu bat egiten duela, zehaztuz eskualde honetan esperimentazio bidez hau edo hura egitea proposatzen dela. Esperimentazio eskubideak baditu mugak eta agian ezberdintze eskubidearekin urrunago joan gaitezke. Hori definitzen ari gara.
Xedea da Euskal Elkargoak dituen eskumen guztietan gauzatzea hizkuntza politika. Konkretuki, zer beharko da hizkuntza politika honen balorapen baikorra egiteko?
Egia da elkargoak eta beste instituzio guztiek gaur egun indarrean den lege koadroaren baitan egin behar dutela haiena. Badakigu hau biziki hertsia dela. Ez dezagun ahantz eskualdeko hizkuntzak aipatzen dituen Kontituzioko 75-1 artikuluak ez duela deus ekartzen, ez duela ondorio juridikorik. Badakigu zer nolakoa den euskararen egoera Ipar Euskal Herrian. Hori horrela, dituen muga guztiekin egiten du elkargoak. Beraz, nahi duguna da orain arte egindakoa orokortzea eta ahal bada esperimentazio edo ezberdintze eskubidearen bidez urrunago joatea. Baina badakigu ere, euskara salbatzeko eta euskara normaltasun osoz garatzeko pauso horiek eskasak izanen direla; hain zuzen, euskarak ez duelako estatus egokirik Ipar Euskal Herrian.
Beste pauso inportante bat emanen du Euskal Elkargoak, euskarari ezagupen bat emateko gisan. Ezagupen forma desberdinak ikertzen ari dira.
Jagon Jardunaldien ondotik, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak testu amankomun bat plazaratu genuen, euskarari nolazpaiteko ofizialtasuna ematea galdatuz. Horren ondotik, ikerketa juridiko bat manatu zuen elkargoak, jadanik harturiko kasu konkretu batzuk aztertuz. Adibidez, Bretainian, eskualdeak ofizialki ezagutzen ditu bretoiera eta galesa, "Bretainian existitzen" direla erranez; Ekialdeko Pirineoetako departamenduak hartu deliberoak dio "frantsesaren ondoan, katalana dela departamenduko hizkuntza" eta Korsikan, bozkaturiko hizkuntza politika proiektuan "ko-ofizialtasuna" dute. Azken adierazpen honen kontrako errekurtsorik ez zuten jarri, Korsikako Asanbladak ez zuelako erran Korsikan ko-ofizialtasuna izanen zela, baizik eta, galdetu ziolako Frantziako Gobernuari ko-ofizialtasuna bideratzeko baldintza juridikoak sortzea. Beraz, hiru bide horiek dira ikerturik.
"Zergatik ez hartu Korsikaren gisako deliberoa? Zergatik ez galdetu Frantziako Gobernuari euskararen ko-ofizialtasuna ahalbidetzeko baldintza juridikoak sortzea?"
Zer diozue hiru aukera horiei buruz?
Ez dakigu elkargoak zein formulazio hartuko duen, baina apalena hartuz gero ere, hots, frantsesaren ondoan euskara Ipar Euskal Herriko hizkuntza dela adieraziz, ondorio juridikorik ekarriko ez duela jakinik ere, horrek keinu sinboliko eta politiko azkarra luke. Baina zergatik ez hartu Korsikaren gisako deliberoa? Zergatik ez galdetu Frantziako Gobernuari euskararen ko-ofizialtasuna ahalbidetzeko baldintza juridikoak sortzea? Keinu biziki azkarra litzateke, erran nahi lukeelako hautetsiak kontziente direla euskarak behar bezala garatzeko frantsesak duen estatusa behar duela. Guk ko-ofizialtasuna aipatzen dugularik diogu euskarak frantsesaren heinean behar duela erabilia eta garatua izan, eta bistan dena, euskarak balio juridikoa ukan behar duela. Balio juridikoa ukateak erran nahiko lukeelako herritarrek nahi duten hizkuntza erabili dezaketela. Gaur egun ez da posible. Badakigu herriko etxe batek dena euskaraz egiten baldin badu, dokumentuak frantsesez idatzi behar dituela, frantsesak duelako ofizialtasuna. Ko-ofizialtasunarekin errespetatuko lirateke hiztunok ditugun hizkuntza eskubideak, hots, nahi dugun hizkuntza hautatzeko askatasuna.
Korrikaren 20. edizioa, 2017ko apirilaren 2an, Lapurdin. Argazkia: Korrika.
Frantzia ezagutzen dugu, frantses hizkuntzari sutsuki loturik dugu. Imajina al daiteke euskara ezagutzeko baldintza juridikoak aldatuko dituela?
Zaila dugu eta Emmanuel Macronek Korsikan errandako hitzak berriz hartzen baditugu, erran dezakegu zinez urrun garela. Baina guk badakigu, eta agian hautetsi batzuk ere ari dira kontzientzia hartzen, zinez euskara salbatu nahi badugu ko-ofizialtasuna dugula Ipar Euskal Herrian behar. Edozein lege ttikirentzat zaila da, kasu hoberenean eztabaidatu eta atzera botatzen dira, okerrenean ez dira eztabaidatzen ere. Bai, eskualde hizkuntzen ko-ofizialtasunaz biziki urrun gara, baina hori aitzina eramatea da gure rola. Tokiko hautetsiek Frantziako Gobernuari hori ohartaraztea nahi genuke. Erran dudan bezala, zergatik ez korsikarren antzeko delibero bat hartuz?
Frantziako Parlamentuan ditugun bertako parlamentarien sostengua duzue?
Egia erran, horri buruz ez dugu harremanik ukan haiekin. Euskararen alde direla ikusi dugu azken urteetan, baina ko-ofizialtasunaren aldarria eramateko prest al dira?
Hizkuntza politika marrazteko orduan euskalgintzako eragileekin harremanetan da elkargoa.
Euskal Elkargoa sortu denetik, hizkuntza politika euskalgintzako eragileekin lantzen eta kontrastatzen dabiltza eta hori biziki positibotzat daukagu. Egunero terrenoan direnekin aritzea baikorra da, zinez hauek direlako gai errateko arloz arlo erronkak non diren eta gainditu beharreko trabak zein diren. Espero dugu bozkatu ondoren ere elkarlanak segitzea, justuki hizkuntza politikaren jarraipena egiteko. Hori galdetzen diogu elkargoari. Momentuz biziki mamitsua iduritzen zaigu egiten dutena. Ondotik egin beharko dutena da urtez urte helburuak finkatu, helburu zifratuak eta bistan dena, arloz arlo ebaluaketak egin, ikusteko zer egin den, zer ez den egin eta zergatik. Segipen eta ebaluaketa hauek beharrezkotzat ditugu eta espero dugu urrats hauetan ere kontsultatuak izatea.
2050 urteko populazioaren %30 euskal hiztuna izateko helburua eta bide orria planteatu zenuten duela urte pare bat. Gaur egungo berritasunekin, segurragoa ikusten duzue helburu hau betetzeko bidea?
Dokumentu hau egiterakoan UNESCOren datuak landu genituen, zeinak dioten hizkuntza bat ez galtzeko populazioaren %30ak mintzatu behar duela. Prospekzio bat egin genuen baina bakarrik irakaskuntzan zentratuz. Jakin behar da irakaskuntza ez dela Euskal Elkargoaren esku, Hezkunde Nazionala da eta EEPn ordezkatua da. Diogularik, elkargoak motor lan bat eraman behar duela, horrentzat ere bada: Estatuari, Departamenduari eta Eskualdeari presioa eta akuilu lana egiteko. Estatua aipatzerakoan, xantierrik inportanteena hezkuntza dugu. | news |
argia-e74f7413d4eb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/jesus-uzkudun-asviamie.html | "Enpresek heriotza zigorra ezarri zuten" | Urko Apaolaza Avila | 2018-03-25 00:00:00 | "Enpresek heriotza zigorra ezarri zuten"
CCOO sindikatuaren EAEko lan osasun eta ingurumeneko arduradun izana, Orbegozon izan zuen lehen harremana amiantoarekin eta haren kontrako borrokan erreferentzia da Euskal Herrian Jesus Uzkudun (Hernani, 1949). Orain, erretiroa hartuta, Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteko bozeramaile dihardu.
Noiz hasi zinen jabetzen amiantoaren gaiaren garrantziaz?
1981ean zerbait irakurtzen hasi nintzenean nire buruari esaten nion amiantoa uralitaren industrian eta ontzioletan soilik zegoela. Eta 1990ean oraindik zuri ateratzen nintzen Hernaniko Orbegozotik balaztetako zapatak konpontzen. 1997an eraman genuen lehenengo epaiketa CCOOtik. Gasteizko Garaje Modernoko mekaniko bat zen, Santiago Busto, amiantoaren biktimen elkarteko egungo abokatuaren aita: peritoneoko mesoteliomaz hil zen. Ordurako dokumentazio asko zegoen, baina ze kuriosoa... juezak eta Osalanek esan zuten Garaje Modernon ez zegoela amiantorik. Nola ezetz? 40 urte zeramatzaten balaztetako amiantoa haizearekin garbitzen eta! Hori izan zen hasiera. Urte horietan amets egiten nuen Orbegozoko zubian nindoala, neroni ere gaixo.
Zu ere gaixotu zaitezke... nola eragiten du horrek daramazun borrokan?
Amets hori... Aurreko astean nirekin lan egindako baten epaiketa izan dugu, sententziaren zain gaude. Auzi bat irabaztean halako poza eta mala letxea sentitzen dut. Sindikatuan goi mailako ardurak hartu nituenean, gogoratzen dut Osalaneko kontseiluko kide batek 2001. urte inguruan esan zidala: "Jexux, alarma soziala ari zara sortzen", eta nik: "Jendea ez da nirekin gaixotzen, gaixotuta etortzen da". Gauzak oso ezberdin ikusten dira amiantoa zuk jan duzunean, borroka pertsonala ere bada.
"Arazoa da atzeraka goazela. 60ko hamarkadan ez zen soilik iraultza kultural bat gertatu, lan munduan ere bai: 'Robotaren moduan bizi naiz', esaten zen, eta hori aldatu nahi izan zen. Baina pentsaera hori itzaltzen ari da"
Hasierak gogorrak izango ziren...
Jendearekin eztabaida asko izaten nuen eta urte batzuen ondoren konturatu nintzen ez duela merezi, hildakoak eta gaixoak jarri behar direla mahai gainean. Batek osasuna galtzen zuenean, lehen esaten zen "jainkoak nahiko zuen..." eta orain aldiz "zorte txarra" omen da. Baina hara... minbizia dutenen artean gaizki pentsatzen hasi eta asmatu egiten dut.
Babes gehiago sumatzen duzu orain inguruan?
Aldaketa sumatu dut periodisten artean. Etengabe salatzeak erakutsi du arazo larri baten aurrean gaudela. Orain faltan botatzen dut gazte jendea, amiantoarena iruditzen baitzaio urrun dagoela.
Lan merkatuaren egoera ere ez da orain 40 urtekoa.
Gaur jarri dut Facebooken gorreriari buruzko post bat: pertsona batek 2.400 euro kobratu ditut gorreriagatik. Baina zenbat dira laneko zaratagatik entzumen galera dutenak? 100.000 akaso? Laneko gaitzak sekula baino gehiago daude eta ezkutuan geratzen ari dira: istripu bat dagoenean kontzentrazioak egiten dira, baina egunero daude hildakoak laneko gaixotasunengatik eta sindikalgintzatik ezin gara geldirik egon.
Arazo estrukturala da?
Arazoa da atzeraka goazela. 60ko hamarkadan ez zen soilik iraultza kultural bat gertatu, lan munduan ere bai: "Robotaren moduan bizi naiz", esaten zen, eta hori aldatu nahi izan zen. Baina pentsaera hori itzaltzen ari da. Gaur egun langileak zer esaten du? "Astelehenean lanera, uf!...", baina zer gutxi egiten dugun lanean gozatzeko, eta posible da lanari zentzu bat eman eta gustura aritzea, ez da diru kontua bakarrik.
Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkartea sortu zenuten. Zein helburu ditu?
Asviamie Laudioko lagun batek sortu zuen, asbestosiak jota zegoen aitaren laneko gaixotasunaren aitortza lortzeko. Nik Bizkaian ezagutzen nituen hainbat lagun amiantoak kutsatuta eta hura aktibatzen lagundu nien. Zer helburuz? Biktimen aitortza, elkarri babesa ematea eta konpentsazio funtsa sortzea.
Epaitegietara jotzen duzue maiz. Zein dira emaitzak?
Esango nuke oso onak direla, orokorki, naiz eta epaile batzuen jarrera onartezina den; Donostiako Ricardo Bandrés nabarmenduko nuke. Ia astero badugu epaiketaren bat Donostian, Bilbon... Baina askotan enpresek helegitea jarri eta luzatu egiten dira auziak.
Asviamieko kideak Donostiako Justizia jauregi aurrean elkarretaraturik 2016ko epaiketa batean; lehen planoan Jesus Uzkudun (arg: Argazki Press / Juan Carlos Ruiz)
Amiantoaren biktimak biktima bikoitza direla diote.
Adibide bat: Zumaiako Xeyn jardundako bat amiantoagatik hil zen, kalte ordainak eskatzera joan eta azkenean Auzitegi Gorenean amaitu genuen. Hiru edo lau urteren ondoren, 180.000 euro ordaindu behar zuten. Xeyko zuzendaritza negarrez etorri zitzaigun dirurik ez zutela eta hartzekodunen konkurtsora zihoazela esanez. Akordio batera iritsi ginen ordaintzeko, baina hortik urtebetera kiebra jo zuen. Hor operazio bat egon zen enpresaren aldetik.
Inork esan dezake enpresen ekonomia kolokan jartzen ari zaretela salaketekin.
Amiantoarekin norbera ere kolokan dago edo zulora joan da, eta horretaz ez da hitz egiten. Noski kolokan jartzen dela, eta kasu batzuetan negoziatu egiten dugu, baina atzetik gehiago datozelako. Mina sortu ondoren ez baduzu kalte ordainik eskatzen prebentzioa garestia izan daiteke, baina ordaindu behar baduzu merkea da. Horrelako animaliak gara. Niri esana didate: "Aizu Jexux, utzi horiei, hil dira edo gaixo daude eta jadanik ez dute bozkatzen". Miserablea! Horiek erakutsi dizute non bukatuko duzun.
Osalanek eta Gizarte Segurantzak ez dituztela gaixotasun guztiak aitortzen diozue. Zergatik?
Espainiako Osasun Ministerioak dio 2017an amiantoak eragindako minbiziagatik 34 lagun hil zirela Estatuan eta asbestosiagatik 53. Gezurra, gure eskuetatik gehiago pasa dira... Batetik, Gizarte Segurantzak aitortzen dituenak ez dira estatistiketan agertzen. Eta bestetik, Osakidetzako medikuak behartuta daude susmoa izanez gero parte ematera, baina gehienek paso egiten dute. Osakidetzari 50.000 euro inguru kostatzen zaio minbizi bat, baina hori mutuek kudeatu beharko lukete.
"Nongoa da Darpon? [Jon, Eusko Jaurlaritzako osasun kontseilaria] Nondik etorri da eta nora joango da? IMQ enpresa taldekoa. Proiektu oso bat dago gauza publikoa zalantzan jarri eta jendea pribatura joateko"
Baina zergatik?
Ate birakariengatik. Nongoa da Darpon? [Jon, Eusko Jaurlaritzako osasun kontseilaria] Nondik etorri da eta nora joango da? IMQ enpresa taldekoa. Proiektu oso bat dago gauza publikoa zalantzan jarri eta jendea pribatura joateko. Eta mutuen lege berriarekin etorriko dena ikusiko duzu... Murrizketak omen daude dirurik ez dagoelako, baina hortxe dauka zuloa Osakidetzak.
Hala ere pausoak ematen ari dira arlo publikotik, konpentsazio funtsa hor dago. Zer ekarriko du? Nor izango da onuradun?
Ekarri? Ikusteko dago. PP abstenitu egin zen Espainiako Kongresuan, baina gobernuan dago eta tramite guztiak gelditu egin ditu. Onura nabarmena da hala ere: nik Orbegozon lan egin nuenez, esaterako, azkenean Industria Ministerioak ordaindu beharko luke nirea. Baina pentsa desagertu den fundizio txiki bat... zeini eskatu? Ezin da. Kasu horietan funtsak lagunduko luke. Edo pentsa senide bati gaitza agertzen zaiola buzoa garbitzeagatik...
Sektore ahulenak eta ertzean egon direnak lagunduko lituzke orduan.
Hori da. Paco Puche eta ingurukoak kritiko dira funtsarekin, Espainiako Estatuan Uralita, Renfe edo ontziolak besterik ez zeudelako eta badagoelako nori heldu. Baina hemen Euskal Herrian, zenbat garaje edo tailer daude amiantoarekin ibilitakoak? Eta emakumeak? Enpresari eska diezaiokezu gehiago epaitegietara joaz, baina gutxieneko konpentsazioa bermatu behar da.
Kalte ordainez hitz egitean, minbiziak sortutako sufrimenduarekin eta menpekotasunarekin gogoratu beharko genuke ezta?
Horrekin bakarrik ez: enpresek ez zuten legea bete. Batzuek esaten dute 1984ra arte ez zegoela amiantoaren inguruko legerik Estatuan, baina 1940an jadanik esaten zen amianto hautsa zegoen tokian osasun zaintza egin behar zela; gero atera zen buzoak etxera ez eramateko araua, enpresak garbitu behar zituen; 1950eko lege batek zioen 18 urtetik beherakoek ezin zutela amiantoarekin lanik egin... Bazekiten! Enpresek ez zuten legerik bete eta heriotza zigorra ezarri zuten.
Turingo epaiketan ederki ikusi zen hori, bazekitela.
Gure helburua ez da alargunak aberastea. Auto batek harrapatzen zaituenean kalte ordainak egokitzen zaizkizu; irizpide bera da. Amiantoarekin ibilitakoen zerrendan dagoen jende batek, eztulka eta eztulka hasten denean beldurra sentitzen du. Batzuek ez dute egunkarietan albisterik irakurri ere egin nahi.
Oraindik ez diogu benetako neurria hartu arazoari? Genozidio hitza erabiliko zenuke?
Dudarik gabe.
Minbizia ugaritzen ari dela esaten dugunean, erlazionatzen dugu hori amiantoarekin?
Mesoteliomak badu abantaila bat, amiantoarekin bakarrik sortu daiteke. Gero birikako minbizia aitortu zen, orain ari gara ademokartzinomarekin, laringe eta esofagoko minbiziak ere bai, eta Alemanian obario minbizia ere aitortu dute kasu batzuetan. Baina amiantoa eta beste kantzerijeno askorekin gabiltza. Heldu behar diegu.
Arazoa betikoa da: kantzerijenoak, lantegiak, erraustegia, dena da baina ez da ezer.
1890ean 35 urteko langile bat joan zen medikuarengana arnasestuka eta eztulka. Eta esaten dio: tailerreko azkenekoa naiz, beste guztiak joan dira. Mediku ezagun hori hasten da ikertzen eta hara, konturatzen da amiantoagatik dela. Horregatik da beharrezkoa langileen ikuspuntu kolektiboa, zeren eta zuk besoko mina baduzu, zure besoko mina da, baina zure lankide guztiek min bera badute… Minbiziarekin gauza bera egin daiteke.
"Beharrezkoa da langileen ikuspuntu kolektiboa, zeren eta zuk besoko mina baduzu, zure besoko mina da, baina zure lankide guztiek min bera badute… Minbiziarekin gauza bera egin daiteke"
Amiantoarekin lan egin zutenen Osakidetzako zerrendan 8.500 lagun daude, baina 25.000 lagun izatera irits daitezke. Nola kudeatzen da hori?
Nik ia egunero bakarren bat sartzen dut. Amiantoarekin jardun badira esaten diet "bizitza laborala" ekartzeko eta Osalanera eramaten dut. Hau poliziaren atestatua bezala da. Gaixotasuna sortzen da 30, 40 edo 50 urte geroago, enpresak desagertu dira, prozesu produktiboak aldatu… nola demostratu? Paper horrek balore handia dauka, aurreneko pausoa da eta hori ez badago… 25.000 sartu arte ez dut deskantsatuko.
Amiantoa erruz erabili zen eta oraindik ere hor dago. Ez da iraganeko arrisku bat ezta?
Kazetari askori esan diot, jarri kamara ezkutu bat eta amiantoa erostera joango gara. Europako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak amiantoa "erradikatzeko" dekretua onartu du. Hona izugarrizko tona pila ekarri zuten, non dago hori guztia? Altzako zabortegian, Hernaniko erriberan... Adibidez Altzako auzo elkartearen borroka dugu erakusgarri: batzuek lortu dute eskola aldameneko parkean jolasten ibili izanagatik erregistratzea. Jendea ari da bueltak ematen.
Desamiantatua egiteko prozedurez zer iritzi duzu?
Eusko Legebiltzarrak bi aldiz onartu du inbentarioa egitea, nik proposatuta. Erradikatzea beste gauza bat da –Polonian orain jarri dute aurrekontua horretarako–, baina inbentarioa... Inork ez du egin, udaletxe batzuk kenduta. Aurrerapausoak oso mantso ematen ari dira eta amianto asko dago, hor jarraitzen du. | news |
argia-0707205a23d0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/aitani-pixontzi.html | Aita�i pixontzi | Jakoba Errekondo | 2018-03-25 00:00:00 | Aita�i pixontzi
Udaberrieroko gogoari ezin eutsi aurten. Neguak gorritutako belaze batzuk berdetzen hasi ordurako urteko lehen soinekoa janzten dute, jantzi ikusgarria, hori-horia. Lore multzo borobil nabarmena irekitzen du txikori-belarrak ( Taraxacum officinale ) sasoi honetan. Jose Maria de Lakoizketak bere 1888ko liburuan "galkidea" deitzen du eta argibideetan "gariaren kidea" edo "gariaren garaikidea" dela dio, udaberriaren hasieran hazten delako. Txikoria ere deitzen zaiola dio.
Izen ugari du txikori-belarrak. Galkideaz gain orikatxa, txikori orikatxa, txikuri, xikori, zikore eta sorgin-belarra behintzat bai. Aitañi-lili izena ere jasoa dago, Zuberoa aldean, agi danean. Javier Irigarayk 1976an argitaratutako Estado actual de la onomástica botánica en Navarra (II) liburuan "pixakama" eta "pixakamas" jasoak ditu.
Frantsesez pissenlit , pisseau-lit edo pisse au lit deitzen dute, besteak beste. Katalanek ere pixallits deitzen dute. Itxuraz pixa egitea eragiten du, herba urinaria deitzen zioten aspaldi. Udaberrian gorputzaren garbitasuna egiteko hartzen da bere ura, giltzurrunak eta abar arazteko, alegia. Diuretikoa da, pixagalea sortzen du, eta zenbaitek ohean ezin eutsi pixari. Aitañi-lili ere hortik ote datorkio?
Landare osoa jangarria da eta ez nolanahikoa. Udaberriko hosto berriak entsaladan jaten dira, mikatz punttu polita dute; entsaladan azukrearekin hartzeko gomendatzen duenik ere bada. Heldutakoan mikaztasuna areagotuta ia inork ez du jaten. Lore-kuskuak ireki aurretik oso goxoak dira, gordinik entsaladan edo kaparrak ( Capparis spinosa ) bezala ozpinetan eta gatzetan onduta. Sustrai lodikote bat osatzen du, eta eskasia garaietan kafearen ordezko edo osagarri bezala erabili izan da, ondo lehortu eta eho ondoren. Espainian, adibidez, 1958ko urtarrilean legeztatu zen erabilera hori.
Udaberriaren soineko hori horri omen egin eta bere burua berritu nahi duenak har beza landare osoaren 60 bat gramo, litro bete uretan egosi eta basokada bat hartu otorduen aurretik. Kontuz ohean! | news |
argia-5a9464fae6cb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/arraina-eta-kanaberaren-inguruan.html | Arraina eta kanaberaren inguruan | Gorka Moreno M�rquez | 2018-03-25 00:00:00 | Arraina eta kanaberaren inguruan
Gurean oso errotuta dago arraina eta kanaberaren inguruko metafora. Pertsona bati ez zaio arraina eman behar, kanabera eman eta arrantzatzen erakutsi behar zaio, horrela berak arrainak bere kabuz hartu ditzan. Gure gizartean oso errotuta dagoen ideia islatzen du esaldiak: enplegua da integraziorako ardatza eta ogia lortzeko bitartekoa –ogibidea–. Era berean, norberaren ardura azpimarratzen duen esaldia ere bada, eta argudio nagusietako bat da enplegua ez duten pertsonei eskaintzen zaizkien diru laguntzei kontra egiteko.
Argudio indartsua eman arren, nik behintzat gero eta zalantza gehiago ditut esaldiaren atzean dagoen ideiaren aurrean. Argi dago, enpleguak jarraitzen duela izaten integraziorako tresna nagusia, aldi berean gero eta ahulezia gehiago azaltzen dituena.
Lehenik eta behin, azken urte hauetan argi ikusi da jendeak kanabera erabiltzen eta arrantzatzen jakin arren, zenbaitetan ez dagoela bere esku arrainik arrantzatzea; bigarrenik, gero eta gehiago dira kanabera eskuetan arrantzatzen ibili arren arrain txikiegiak harrapatzen dituztenak; azkenik, eta ez bigarren maila batean, ezin dugu ahaztu zenbait kasutan, arrazoi bat edo bestea dela eta, inoiz kanabera erabiliko ez duten pertsonak ere badaudela, eta hauek ere arraina jan beharra daukate.
Metaforak alde batera utzita, sistema ekonomikoaren garai hauetan, enpleguaren prekarizazioa dela eta, gero eta gehiago dira enplegua izan eta aldi berean pobreak diren langileak –working poors– edota gaur egun kapitalismoarentzat erabat baztergarriak eta "erabiltezinak" diren taldeak.
Testuinguru horretan, arrainaren tamainaren arabera eztabaidatu dezakegu, baina gero eta gehiago izango dira enplegutik at nolabaiteko babes material osagarria jaso beharko dutenak –gaur egun ere gertatzen den bezala–. Arrainaren eta kanaberaren aldeko zenbaitek hori argi eduki beharko lukete, gizarteari iruzurretan ari baitira –nahigabe, edo okerrago oraindik, nahita–.
Hori da eszenatokia eta hemendik aurrera eztabaidatzen hasi gaitezke. Abiapuntua gaur egun ditugun hainbat diru laguntza izan daitezke, hainbat pentsio motetatik hasita, langabeziaren prestazioekin edota Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan gogoeta eginez.
Era berean, Hiritartasun Oinarrizko Errenta bezalako proposamenak ere gero eta arreta gehiagorekin jarraitu beharreko ideia izango dira epe ertain eta luzera begira. | news |
argia-9e843a9d854e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/lehen-aldi-bat.html | Lehen aldi bat | Itziar Ugarte Irizar | 2018-03-25 00:00:00 | Lehen aldi bat
Man Ray dantza emanaldiaren kronika. Taiat Dansa konpainiak eskainia Donostian, Victoria Eugenia antzokian, martxoaren 7an.
Dantza emanaldi batera nindoala esan nion lankide bati, eta zalea ote naizen galdetu zidanean ez nekiela zer esan deskubritu nuen. Ez baitakit; ez baitut inoiz dantza emanaldiak ikusteko ohiturarik izan –aukerak ere gutxi–, ezta dantzaren gaineko askorik irakurtzerik ere. Lehen aldi bat izan da Victoria Eugenia antzokikoa, esango nuke. Gogo bete joan nintzen, hala, Taiat Dansa konpainia valentziarraren dFeriako Man Ray emanaldira. Testuinguru elegantea lan osteko asteazken iluntze baterako.
Man Ray argazkilari eta zinemagile estatubatuarrak musekin izan zituen harreman fetitxisten inguruan ardaztutako emanaldia ikustera nindoan, gizon artistek emakume modeloekin dituzten harremanez hitz egingo zuena; musa bat noiz den inspirazio iturri, noiz objektu soil, muga horretara aterako gintuena. Irrika nuen hori dantzaren lengoaiaren bidez nola emango zuten ikusteko.
Klaxk. Argazki-kolpe bat. Agertu ziren bi agertokian. Klaxk. Argazki-kolpe bat. Agertu ziren lau. Klaxk. Argazki-kolpe bat. Agertu ziren zazpi gizon esmokinean sartuta. Eta, klaxk, agertu zen emakume bat. Hasiera indartsuaren ondotik, forma askotako eszenek josi zuten ordubeteko emanaldia eta, aldiro, irudi ikusgarriak utzi zituzten agertokian. Ezpain margotuak, ipurmasailak eta bestelako elementu erotiko femeninoak jarri zituzten atze-oihaletan. Eraldatzen joan zen uneoro agertokiko argazkia, eta, denen artean, begietan geratu zitzaidanetako bat izan zen Cristina Reolid dantzariak kideek osatutako masa baten erditik gorputza altxatu zuenekoa, oihaleko begiak guraizeekin mozteko, oihu batean.
Ez dut Rayren unibertso surrealistaren berri eta, hori eta dantza emanaldietan hasiberri izatea tarteko, kosta egin zitzaidan emanaldia jarraitzea, Rayren obraren erreferentziak identifikatzea. Une solteek harrapatu ninduten; ez alferrik, dantzatik gehien zuten pasarteek. Estetikoki ederra izan zen mugimendu askoren zehaztasuna, eszena gaineko askotariko konposizioak, metronomo hotsaren mekanikara errenditutako gorputzak. Baina estetikoaz gaindi... Artea eta erotismoaren tentsioari dantza egitean, iragan mende hasierako eszenografian, bistakoa zen gizonen apetaren agintea.
Euskal intelligentsia deitzen duten etxe horretako izen handi bat izan nuen aldamenean eserita. Gustatu ote zitzaidan galdetu zidan publikoak zutik txalo jo bitartean, eta, haren aurrean barregarri geratzeko beldurrez, bueno bat atera zitzaidan. Niri ere ez asko , esan zidan. Zuk badiozu , nik nire barrurako. Egia hori da: hotz utzi ninduen lehen aldiak, eta, halere, errepikatzeko gogoa utzi dit ondorenak. Hala gertatu ohi da sarri. | news |
argia-4613e0c8f274 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/hezkuntzak-grebei-berrekingo-die-sindikatuak-zatituta-zer-lortu-da-eta-zer-ez.html | Hezkuntzak grebei berrekingo die, sindikatuak zatituta: zer lortu da eta zer ez? | Mikel Garcia Idiakez | 2018-03-13 00:00:00 | Hezkuntzak grebei berrekingo die, sindikatuak zatituta: zer lortu da eta zer ez?
Lan baldintzak hobetzea aldarri, EAEko eskola publiko ez unibertsitarioko langileak grebara deituta daude asteazken eta ostegun honetan, baina bitxia da panorama: ELA, LAB eta STEILASek irakasleak grebara deitu dituzten bitartean, Haurreskolak Partzuergoko, Heziketa Bereziko eta sukalde eta garbiketako langileak STEILAS eta ELAk deitu dituzte, ez ordea hiru kolektibo horietan gehiengoa duen LAB sindikatuak. Negoziaketetan lortu denaz eta falta denaz iritzi kontrajarriak dituzte.
Ezagunak zaizkigu sindikatuek irakasleen kolektiboarentzat dituen eskaerak: hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea; ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; gutxienez 2.000 langile gehiago hartzea; gelako ikasle kopurua %10era jaistea; ordezkapenak lehen egunetik egitea… Baina Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko negoziaketek ez dute fruiturik eman eta irakasleak grebara deituta daude martxoaren 14 eta 15ean. Negoziaketek hobetu ezean, gainera, apirila bukaeran irakasleen astebeteko greba aurreikusi dute sindikatuek.
Batasun sindikala, apurtuta
Beste hiru kolektiboetan (Haurreskolak, Heziketa Berezia, eta sukaldea eta garbiketa), mobilizazioak bertan behera uztea erabaki du LABek (sindikatu hau lehen indarra da hiruretan), negoziaketetan horretarako moduko lorpenak egin direla iritzita. Halere, sektore horietan lan baldintzak hobetzen jarraitzeko borrokari eutsiko diotela dio sindikatuak, baina "zintzilik gelditutako edukiak Mahai Orokorrean argitzekoak direla uste dugu". ELA eta STEILASek haserre hartu dute LABen hautua, "tamalgarria", "ulertezina" eta "arduragabea" delakoan: leporatu diote sindikatuen aldarrikapenei erantzuten ez dien akordioa sinatzea, sektore guztietako aldarrikapen adostuak kontuan ez izatea eta batasun sindikala apurtzea.
Lortu denaz eta falta denaz iritzi kontrajarriak
Haurreskolak Partzuergoan lortu da, esaterako, haurreskoletan lan egindako orduek hezkuntza publikoko irakasleen baremazioan puntuatzea, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea eta haurreskola guztietan 8 orduko zerbitzua eskaintzea. STEILASek, ordea, nabarmendu du akordioa "0-3 etaparen pribatizazioan beste urrats bat ematea" dela, "ehunka lanposturen galera" dakarrela eta ez dituela lan baldintzak hobetzen. ELAk gehitu du, besteak beste, haurreskolen doakotasuna lortzeko edota hezitzaileen artean dagoen %41eko behin-behinekotasuna jaisteko Jaurlaritzak ez duela proposamenik egin eta ratio-irizpide hobeak ezartzeko ere ez dela neurririk zehaztu.
Heziketa Berezian, LAB eta CCOO izan dira akordioa sinatu dutenak. LABek nabarmendu du, adibidez, "historikoak izan diren hiru aldarrikapen" lortu direla: fisioterapeuta, lan terapeuta eta gizarte langileen ordainsariak maisu-maistrenekin parekatzea; asteko jarduna zehaztea; eta garraioa euren funtzioetatik kentzea. STEILASek dio jarritako azken alegazioetatik bakar bat ere ez diola onartu Jaurlaritzak, eta ELAk uste du akordioak ez diola heltzen sektorearen arazo larrienei: hala nola, ia urte osoa lan egin arren ordezkoek uda kobratzeko eskubiderik gabe jarraituko dutela, hezkuntza laguntzaile espezialistek hezkuntzako batez besteko soldatako baino %22 gutxiago kobratzen jarraituko dutela, lan kargen hazkundeari erantzuteko neurrik ez dela hartu, 300 lanpostu inguru modu irregularrean mantentzen direla, garraioa espezialisten funtzio gisa definitzen dela…
Azkenik, sukalde eta garbiketako langileen akordioarekin bat egin dute LAB, CCOO eta UGTk. LABek dio "kolektiboaren pribatizazioa ekiditen" dela, baita 30 lanpostu gehiago txertatuko direla ere, lanpostu zerrendan dauden jardun partzialeko plazak osoak bihurtuko direla, laguntzak jarriko direla dieta eta bazkalkide kopuruaren arabera, eta egonkortasuna erraztuko dela. ELArentzat, ordea, sektorearen %90 pribatizatuta egonik, akordioak ez du gainerako %10aren pribatizazio arriskua ekiditeko inolako neurririk planteatzen eta behin-behinekotasuna ez du %63tik jaisten. Funtzioen errekonozimenduak ekarri beharko lukeen kategoria aitortzarik ere ez dagoela azpimarratu du ELAk, besteak beste. | news |
argia-2f2d340a88cd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/ez-naiz-inoiz-joan-manifestazio-batera.html | Ez naiz inoiz joan manifestazio batera | Edu Zelaieta Anta | 2018-03-25 00:00:00 | Ez naiz inoiz joan manifestazio batera
Sobera dira kausak, arrazoiak, motiboak. Mundua egunero argitzen eta iluntzen duen bidegabekeriak segida ziurra izanen du biharamunean, ziurgabetasunak gobernatzen omen gaituen aroan. Horregatik utzi zaitu hormatua gurasoen artean egindako adierazpen lasaiak: "Ez naiz inoiz joan manifestazio batera".
Ez zara galderarik egitera ausartu –ez duzu halako konfiantzarik sumatu–, kausak, arrazoiak eta motiboak trumilka etorri zaizkizun arren. Arratsaldeko patioaren ordua bukatu eta ondoan, zalantza batek asaldatu dizu gogoa etxerako bidean: zenbat pertsona izanen dituzu inguruan behin ere manifestazio batera joan ez direnak? Beste zalantza larriago bat etorri zaizu lehengo zalantzaren orpotik: zenbatek eginen ote dute mundualdi oso bat manifestazio batera sekula joan gabe?
Ariketa ederra –eskerga, animalekoa– izaten da bestea(k) ulertzea. Zu, berrogeiak betetakoan, manifestaziorik gabeko pertsonen bizimoduak deskubritzen hasia zara. Praktika totalak dira, inolako zirrikiturik gabekoak, uste baino gehiago eta hurbilago dauden existentziak.
Txunditua zaude ezagutzen ari zaren birjintasun horrekin. | news |
argia-6da074610ac7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/valtonyc.html | "Gure lana erabiltzen ari dira beldurraren kultura zabaltzeko" | Saioa Baleztena | 2018-03-25 00:00:00 | "Gure lana erabiltzen ari dira beldurraren kultura zabaltzeko"
Espainiako Auzitegi Gorenak otsailaren hondarrean berretsi du Josep Miquel Arenas Beltrán 'Valtonyc' (Sineu, Herrialde Katalanak, 1993) rap-kantariaren aurkako epaia: hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra. Espetxeratzeko aginduaren zain dagoen bitartean, mallorcarrak uko egin dio zigorra laburtzeko indultuari eta El Reincident lana publikatuz erantzun dio Espainiako Justiziari.
Erregearen argazkiak erretzeari buruzko kasuan, Estrasburgoko Justiziak Espainia zigortu berri du adierazpen askatasuna urratzeagatik. Zer deritzozu?
2007an kartzela zigorra eragozteko bermea ordaindu behar izan zuten gazteengatik pozgarria da albistea. Eta, noski, argi gelditu da, beste behin, ideiengatik Madrilek jendea zapaltzen duela. Europak arrazoia eman dio Kataluniari, Espainiako Estatuan adierazpen askatasunak tokirik ez duela agerian utziz.
Espainian epaitutakoentzat Europan al dago justiziaren giltza?
Tira, ez dugu besterik. Argi dago Espainian ez dela justiziarik egingo eta, beraz, behartuta gaude Europako Justiziara jotzera. Arazoa da Estrasburgok erantzuten azkarragoa izan beharko lukeela. Penagarria eta ulertezina da, adibidez, erregearen irudia erretzeagatik zigortu zituzten gazteen sententzia bederatzi urteko atzerapenarekin iritsi izana. Nire auziarekin berdina gertatzen da, badakit Europako justiziak arrazoia emango didala, terrorismoari gorazarrea eta monarkiaren kontrako kalumnia delituak Espainian daude bakarrik. Baina, seguruenik epai hori iritsiko da hamarkada inguru barru, espetxe zigorra beteta dudanean.
Zergatik egin diozu uko indultua eskatzeko aukerari?
Hasteko, uste dudalako ez dudala ezer gaizki egin eta, indultuak berezkoa du errua aitortzea. Nire lana eta afizioa da abestiak idaztea eta adierazpen askatasuna eta sorkuntza eskubideak erabili besterik ez dut egin. Bestalde, indultuarentzat ezinbestekoa litzateke Espainian ez dagoela adierazpen askatasunaren urraketarik argudiatzea. Begi bistan da, ez nagoela halakorik esateko prest eta beraz, indultua baztertzea argi izan nuen hasieratik.Momentuz helegitea aurkeztu duzue.
Argazkia: Jordi Borràs
Zertan da orain prozesu judiziala?
Auzitegi Gorenean helegitea ukatu zidaten eta orain Konstituzio Auzitegian aurkeztu dugu. Badirudi, urtebete inguru behar izaten dutela tramite horri erantzuna emateko. Edozein modutan, Espainiako auzitegiekin itxaropen txikia dut, beraz, helegite hau ere baztertzen badute, Europara joko dugu.
Baliteke egunotan espetxeratze agindua jasotzea, ezta?
Bai, normalean sententzia jakinarazi eta hilabete batera bideratzen dute agindua. Dagoeneko hiru aste pasa dira. Agertoki batzuk daude. Auzitegi Gorenak nire helegitea tramitera eramatea onartuko balu, espetxeratze agindua bertan behera geldituko litzateke, gutxienez, ebazpena iritsi arte. Baina, susmoa dut, helegitearen erantzunik ez jasotzekotan, prozesu judizialaren kapitulu berriak presondegitik kudeatu beharko ditudala.
Nolakoak izan dira egun hauek, giltzapetuko zaituztela jakinda?
Presio egunak dira. Testuingurua berezia eta arraroa da. Deitzen didaten toki guztietara joaten ari naiz, hitzaldiak, kontzertuak eta elkarrizketak egitera. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zait ahalik eta jende gehienak bertatik bertara ikustea eta jakitea bidegabekeriaren tamaina. Pertsona arrunta naiz, langilea eta 18 urte bete nituenetik ari naiz sistemaren zapalketa pairatzen. Irmoki zabaldu nahi dut lau haizetara gaur ni naizela biktima, baina bihar zu izan zaitezke.
Zure egunerokoa eten duzu adierazpen askatasunaren aldeko kanpaina azkar honetan murgiltzeko.
Arraroa da, giltzapetuko nautela dakidan une honetan ari bainaiz, lehen aldiz, gustuko dudan lana egiten. Orain arte fruitu kooperatiba batean lan egiten nuen. Mediatikoki nire auziak ekarri duen eztandagatik bertan behera utzi dut, espetxeratu aurreko aste hauetan behintzat, nire esku dagoen guztia egiteko.
Noiz eta nola hasi zinen rapeatzen?
Nire lehen maketa 2009an kaleratu nuen, 16 urte nituenean. Rapa niretzat gizartea eraldatzeko tresna da. Tira, niretzat eta genero honetan murgilduta gauden denontzat: ezin ahaztu musika mota hau afroamerikarrak erailtzen zituzten testuinguruan jaio zela, AEBetako Polizia eta estatu indarrak salatzeko. Gurean ere, bertako herrien kontrako errepresioa nagusi da, eta niretzat ezinbestekoa izan da, gaztetxoa nintzenetik salaketa hori musikaren bitartez kanporatzea.
Argazkia: Jordi Borràs
Zein da adierazpen askatasunaren osasuna gaur egun?
Gizarte demokratiko eta aski heldu batek aurrez aurre hartu beharko lukeen eztabaida da adierazpen askatasunarena. Argi dago Espainia ez dela demokratikoa, ezta heldua ere. Beraz, adierazpen askatasuna urratzen du, nahikoa babestuta dauden zapaltzaileak iraintzen ditugunean. Arazo nagusia da maila berean jartzen dituztela, adibidez, boteretsuen kontrako irainak eta gizartean, objektiboki, bazterkeria pairatzen duten LGTBI edo arrazakeriaren biktimen aurkako irainak.
Badago zure auzia neurritik aterata dagoela uste duen jendea, baina aldi berean desegoki ikusten duena zure abestietan ETAren hilketak behin eta berriz aipatzea. Zer errango zenioke?
Testuinguruaren araberako hamaika irakurketa egin daitezke nire abestiez. Betidanik argi izan dut sentiberatasunak pisu handia duela. Hala ere, Sirian biziko bagina terrorismoari gorazarre egitearen delitua eztabaidagarria izango litzateke. Baina hemen eta orain ez dago talde armaturik, eta beraz kexa gisa erabiltzen dugu musika, besterik gabe. Desberdina izango litzateke eduki hori panfleto batean publikatuko bagenu, edo komunikabideetan. Argi dago, nik ez dudala sekula ETAren hilketarik desio izan. Zentzugabea da muga horiek jartzea.
Non dago, zure ustez, gorroto delituaren eta adierazpen askatasunaren urraketaren arteko muga?
Gorroto delituak berezkoa du gizartean arriskuan dauden kolektiboen bazterketa sustatzea. Adierazpen askatasunak, aldiz, bermatu beharko luke, bakoitzak nahi duen gaiaren inguruan iritzia ematea, beti ere, baztertutako kolektiboei kalterik egiten ez dien bitartean. Begien bistakoa da nire abestietan iraintzen ditudanak nahikoa babesa dutela sistema zapaltzaile honetan.
Autozentsuraren bidea baztertu eta disko berria publikatu duzu hil honetan. Zein da lan horren helburu nagusia?
Espainiako Estatuaren errepresioarengatik, autozentsuraren atzaparretan erori direnentzat adibide izatea. Pablo Hasel eta ni oraintxe mandatari hutsak gara: gure lana erabiltzen ari dira gizartean beldurraren kultura zabaltzeko. Hainbat eta hainbat artistak autozentsuraren bidea hartzen dute egoera horren aurrean eta orduan, nire erronka egun hauetan izan da, auzipetuta egon arren, desobeditzea. Berriz diot, adierazpen askatasuna babesten dudalako. Isilarazi nahi nauzue? Ba disko berri batekin ozenago abestuko dut.
Sekula pentsatu zenuen zure kantuengatik espetxeratuko zintuztenik?
Inolaz ere ez. Gauza da monarkiaren aurkako kalumnien eta terrorismoari gorazarre egitearen delituak 2011n gehitu zirela Espainiako Zigor Kodean, eta ni 2009an hasi nintzen rapeatzen. Pablo Hasel atxilotu zuten lehen aldian konturatu nintzen ni ere arriskuan egon nintekeela.
Beldurrik izan duzu inoiz?
Noski, eta orain ere beldur naiz. Baina, zintzoki, beldurrik handiena zen nire herriaren isiltasunarekin talka egitea. Amak behin baino gehiagotan esaten zidan bide honetatik ez jarraitzeko, gizartea nitaz ahantziko delako. Argi dago oraindik ez naizela espetxean sartu, eta beraz, ez dakit nola erantzungo duen herri mugimenduak. Baina orain arte babes itzela jaso dut.
Argazkia: Jordi Borràs
Armiarma operazioa, txotxongilolariak, Alfredo Ramirez, Fariña liburua, Pablo Hasel, zu... Gertatzen ari denaren larritasuna kontutan hartuta, nahikoa antolatu al da gizartea?
Esango nuke baietz, ezin estimatuago sentitzen bainaiz. Eta garrantzitsuena da antolatuta ez zegoen jende asko ari dela mobilizazioetan parte hartzen, eskubide kolektiboen kontrako zapalketaz ohartu delako. Nirea ez da gertakari isolatua. Garaia da mahai gainean kolpe irmoa jo eta Madrildik egiten ari direna eteteko. Duela hamar urte inork ez zuen pentsatu ere egingo egun musikariak edo Jordiak espetxeratuta eta hainbat politikari erbesteratuta egongo zirenik. Zintzoki, ez dut imajinatu ere egin nahi, gizarteak orain erantzuten ez badu, hemendik hamarkada batera zer egiteko gai izango diren. Herri gisa erantzun sendo baten premia dago.
Errepresioa errepresio, pasa den astean argitaratu zuten azken inkestaren arabera, Ciudadanosek eta PPk irabaziko dituzte Espainiako hauteskundeak. Nola da posible?
Botoak irabaztea oso erraza da komunikabideen kontrola dutelako: euren aldeko kanpaina egina dute eta, bide batez, zapaldutako herriak deabrutzen dituzte. Telebista eta irratia jende askok jarraitzen ditu eta, handik uneoro ari direnez boteretsuen aurpegi garbiketa sustatu eta Espainiako herri eta kulturen kontra bonbardatzen, jendeak sinetsi egiten du. Hori gutxi balitz, sistema aldatu nahi duten alderdi ezkertiarren lanabes erabilienak Twitter eta sarea dira. Muturreko eskuinak, aldiz, kaleak hartzen ditu, gutxienez Mallorcan. Esango nuke horrek ere ez diela laguntzen.
Egunean egunekoa bizitzen ari zara. Bihar giltzapetuko bazintuzte, zein mezu zabaldu nahiko zenuke?
Aski dela! 78ko Erregimenari amaiera emateko tenorea iritsi da. Eta hori ez da soilik kulturaren bueltan gabiltzanon ardura. Gizartean nagusi diren injustizia denak urratzeko garaia iritsi da: pentsiodunak baztertuta ditugu erabat, langileok geroz eta baldintza okerragoak ditugu, etxebizitza duinik gabe gelditzen ari gara… Gu adierazpen askatasunaren aldeko borrokan murgilduta gaude, baina, ezinbestekoa da herritar guztiok kalera ateratzea, kolektibo bakoitzak berea aldarrikatu eta sistema eraldatzeko.
Baikorra zara? Borroka honen emaitzak ikusiko al ditugu?
Estatuaren tresneria zapaltzailea hain da bortitza… zaila da baikorra izatea. Katalunian ikusi dugu, erreferenduma hankaz gora jartzeko gai ere izan ziren, polizia indarrak gizartearen kontra erabilita. Lau lagun ditugu epaiketarik gabe atxilotuta, etxetik 700 kilometrotara, eta hiru gehiago erbestean. Seguruenik borroka honen ondorioak ez ditut nik biziko, nire seme-alabek edo ilobek, akaso. Batek zioen bezala, ez gara itsasoa erdietsiko dugunak, baina erauntsiari aurre egingo diogu. | news |
argia-b2a78565bb96 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/eta-nola-bizi-behar-dugu-kfcren-oilasko-hego-kurruskaririk-gabe.html | Eta nola bizi behar dugu KFCren oilasko hego kurruskaririk gabe? | Pello Zubiria Kamino | 2018-03-25 00:00:00 | Eta nola bizi behar dugu KFCren oilasko hego kurruskaririk gabe?
Behi zoroen krisia aspaldi ahazturik, oilasko jale zoroen larrialdia zabaldu da otsailean Britainia Handia eta Irlandako jendeen artean. KFC multinazionalak uharteotan dauzkan ia 1.000 jatetxe frankiziatuen bi herenek ateak itxi behar izan dituzte logistika arazo konponezin batengatik. Bertan jaten bezala etxerako otordua haietatik eramaten ohitutako milaka jende aste luzez ibili omen da noraezean. Elikadura industrial globalizatuak horrelakoak eragiten ditu tarteka.
Jesus Nazarethekoa, Kristo izenez ezaguna, sortu baino 100 urte lehenago, Erromako populuak " panem et circenses " besterik ez omen zuen desiratzen politikarekiko interes oro galdurik, Juvenal poetak satira famatu batean idatzi zuenez. XXI.ean esnatuko balitz, esan beharko luke Britainia Handikoa bezalako gizarte batean plebea asetzen dutela WhatsAppez eta zabor-oilaskoz.
Twitterren trending topic izan da #KFCCrisis . The Guardian ek esan du "jendea oilaskoak bezain txoratuta" ibili dela. Otsailaren 20an Londresko poliziak txiokatu zuen ofizialki: "Mesedez ez jo guregana #KFCCrisis dela eta, ez da poliziaren arazoa zure jatetxe kuttunenak ez zerbitzatea gehien maite duzun menua". Umore ingeles petoa, baina milaka herritarrek estuasun larriz bizi izan duen arazo bati lotua.
Sei egun lehenago otsailaren 14an, San Balentin egunez, hasi ziren horniketa arazoak KFC multinazionalarekin Britainia Handian frankizian ari diren 900 jatetxeetan: oilaskoak ez zirela iristen, saltsak gero eta urriago... Bi egunen buruan batzuk behartuta aurkitu ziren ateak ixtera, genero faltan. Otsailaren 18rako, 900 jatetxetatik 266 baizik ez zeuden zabalik uharte osoan. Ez sinestekoa, KFC izanik oilasko frijituetan munduko liderra.
Logistika arazo batek eragin du kaosa. KFCk urte luzez bere biltegi eta garraio lanak hornitu dizkion Bidvest –orain Bidfood– konpainiari kontratua eten eta eman dio DHL logistikako erraldoiari.
Daily Mail ek 21ean argitaratu zuen: "KFCn ordukako kontratuz lanean ari diren milaka langile kezkatuta daude beren soldatarekin, oilasko faltaren porrotak lanik egin ezinik utzita. Kexuak zabaldu dira hegaztiz betetako kamioiak abandonatuta daudelako DHLren biltegian, jende faltagatik. Argazkietan ikusten dira kamioiak ilaran zain eta alferrik galdutako oilasko pilak DHLren Rugbyko biltegian".
Frankizietako jabe eta langileek senperrenak egin behar izan zituzten ostatuak zabalik edukitzeko. Irakurleek egunkarietara bidalitako bideoetan ikusten dira bateko eta besteko KFC ostatuetako langileak beren auto pribatuetatik ezkutuka ateratzen beste hornitzaileren bati erositako oilaskoak. Desastre bat. Nork esan behar zuen DHL batek horrelako zepo batean harrapatuko zuenik bere burua, erreakzionatzeko ahalmenik gabe?
Kontua da oilasko frijituen kontsumo itzelaren atzean dagoen industria logistika konplexu baten gainean eraikita dagoela. Arrautzatik jaiota 35 egunera eraman behar dira hiltegira, han hil, lumatu, garbitu, zatikatu eta kamioi eta biltegietan barrena hotzaren katea eten gabe eramateko saltokietaraino. KFCk Britainia Handian astean baserritarrei 450.000 erosiz, gehi Europa, Asia eta Ameriketatik inportatuekin, urtean 676 milioi oilasko puska saltzen ditu.
Oilasko, patata eta beste elikagaien trafiko itzel horren metatze, garraio eta banaketa orain artean Bidfood konpainiak sei biltegi handitan zeukan antolatuta. Aldiz, DHLk dena Rugby herriko biltegi erraldoi bakarrean zentralizatu nahi izan du. Eta aski izan da kontratuaren lehenbiziko goizaldean Rugby inguruan autopistako istripu bat eta ondoren DHLren sistema informatikoak huts egitea, hornidura osoak porrot egiteko.
Oilasko nerabe potolo merkeak
Arazoa sakonagoa da ordea, logistika modu zentralizatuago edo sakabanatuagoan antolatzea baino. Ekonomia berri guztia low cost estrategian oinarritu baita. Langileen sindikatuek ere ohartarazia zioten KFCren zuzendaritzari Burger King bezalako konkurrentziaren aurrean prezioak nola edo hala jaitsi behar horrek kalteak baizik ez zituela ekarriko, kalitatean bezala zerbitzuan eta baita langileen baldintzetan ere.
Kataluniatik Ramon Aymerichek La Vanguardi an "Oilasko galduak" izeneko zutabean honela laburbildu du afera: "Diote KFC hondatu duela outsourcing -ean [azpikontratazioetan] nagusitu den race to the bottom kulturak, amildegiranzko lasterketaren kulturak. Politika honek kosteak murriztu nahi ditu kosta ahala kosta, korporazioei etekinak handitzen dizkie, baina ez die mesederik egiten ez kontsumitzaileei eta ez langileei".
Kentuckyko Oilasko Frijituak esan nahi duen KFC [Kentucky Fried Chicken], McDonaldsen ostean munduko bigarren jatetxe sare handiena da eta oilaskotan berezituetan txapeldun. 20.000 jatetxetan dago presente, munduko 123 herrialdetan. Kate osoa kontatuz, milaka asko langile mugiarazten ditu egunero –konpainiaren esanetan– 12 milioi bezerori otordu merkeak zerbitzeko. Markari aurpegia jartzen dion Colonel Harland Sandersek sortu zuen 1932an, Atzeraldi Ekonomiko Handiaren garaian. KFC gaur Yum! Brands korporazioaren atala da, honek denetara planetan 42.000 ostatu frankiziadun dauzkala.
Guztientzako oilaskoak hazten milaka nekazari eta granjero ari dira mundu osoan. Britainia Handiari dagokionez, 1.000 haztegi handik bermatzen dute hornidura. Fabrika baten prezisioz gizentzen dituzte hegaztiak: arrautzaren oskola hautsi eta 35 egunera prest egon behar dute hil eta mahairatzeko.
Animalistek polemika piztu izan dute hegaztiok granjetan nozitzen dituzten bizi baldintzengatik. Duela bi urte gaiaz BBC telebista publikoak dokumental bat ekoitzi zuen, non ageri zen KFCrentzako ari den oilategi handi horietako bat, 34.000 hegazti leihorik gabeko pabilioi itxian hazten dituena. Animalistek zioten oilaskoak gaizki tratatzen dituztela, abeltzainak argudiatzen zuen dena garbi eta osasuntsu daukala, estandar guztiak betetzen dituela.
Animalia bakoitzaren begi bistako ongizatetik askoz urrunago doa, ordea, arazoa: sanoa izan ote daiteke jaiota 35 egunerako hiltegirako prest dagoen oilaskoa? Joan den irailean Farmdrop hedabidean oilaskoak era naturalean –betiko moduan– hazten dituzten Jacob Sykes eta Nick Ball baserritarrek azaldu zuten beren etxaldean oilaskoak hiltzeko tamainara 35 egunetan ez baina 81ean iristen direla. "Gure oilaskoak 35 egunetan 800 gramotan dira. Supermerkaturako oilaskoak adin horretan bidaltzen dituzte hiltegira eta ordurako 1,5 kg edo 2 kg pisatzen dute". Baina zertarako azaldu milagarren aldiz hegaztiak artifizialki gizentzeko teknikak, amarruak eta dakartzan arriskuak?
Zenbat eta azkarrago gizendu, orduan eta merkeago. Bezeroarentzat, azkar eta merke. Egia da horrela puztutako okelak ur gehiago duela, zaporerik ez, elikatzeko ahalmen gutxi, botika gehiegi... Baina hori dena mozorrotzeko dauka KFCk bere gaineko azal esklusiboa, 11 espeziaz osatutako formula sekretua, okelarik makalena mokadu kurruskari ahaztezin bilakatuko dizun estalkia. | news |
argia-ea1abdd7e1d2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/umeen-sexualizazioa.html | Txikitatik panpina sexy bihurtzea amets | Mikel Garcia Idiakez | 2018-03-25 00:00:00 | Txikitatik panpina sexy bihurtzea amets
Gero eta umeago dakite sexy hitzak zer esan nahi duen, sexy egotea dela bidea eta helburua. Bagenekien emakume helduak objektu sexual bihurtu nahi dituela merkatuak, baina haurtzarora ari da luzatzen sexualizazioaren itzal arriskutsua. Ikusi bestela Bratz edo Monster High estiloko panpinen ugaritzea, haurrentzako makillaje andana, inauterietako hainbat mozorro…
Hipersexualizazioa da gure garaiaren ikurretako bat, eta emakumeei eragiten die batik bat, ez baita samurra uneoro sexualki erakargarri agertzeko jasotzen duten presioa. "Ikusten ari garena da gero eta gazteagoengan ematen ari dela kezka hori eta eskolara ere iritsi dela, 10-12 urteko neskek janzteko edo euren gorputzak kudeatzeko duten irizpidea maiz ez baita erosotasuna, tenperatura edo mugikortasuna, presio horiei erantzutea baizik –uste du Amelia Barquín irakasleak–. Egia da arropa ez dela bakarrik gorputzak estaltzeko eta babesteko, funtzio estetikoa ere hor dago, identitatearekin duen lotura… baina umeen kasuan estaltzea, babestea, eroso egon eta mugitu ahal izatea, tenperaturarekin koherente izatea (hotzik ez pasatzea)… izan beharko lukete irizpide nagusiak, eta batzuetan, batez ere nesken kasuan, estetikari ematen diogu lehentasuna, sarri familiok, gu garelako umeak janzten eta apaintzen ditugunak, eta alabak bidaltzen ditugu eskolara ez mugitu ez zikindu ere ezin dutela".
Naturalizatuta dugu. Are gehiago, umea janzkera, dantza-molde edo jarrera "sexyetan" ikustea graziosoa ere iruditu ahal zaigu: "Begira, nagusia dirudi", esango dugu, baina hortxe dago gakoa, ez baita nagusia. "Grazia egiten digunean, pentsatu beharko genuke ea zer ari garen komunikatzen. Emakume helduen sexualizazioaren helburua da gizon heterosexualen begiradari atsegina ematea. Horrek izan behar du neska txikien helburua?", dio Barquínek.
Amelia Barquín: "Umeak janzterakoan estaltzea, eroso egotea, hotzik ez pasatzea... izan behar lukete irizpide nagusiak, baina batzuetan estetikari ematen diogu lehentasuna eta bidaltzen ditugu ez mugitu ez zikindu ezin dutela"
Baten batek pentsatuko du hau guztia paraje urrunetako kontua dela, Miss izateko neskatoak lehiatzen jartzen dituzten AEBetako familiena adibidez, baina 6 urteko neskentzako tangak eta lentzeria sentsuala aurkitu ditzakezu Euskal Herriko dendetan, baita betegarria duten bularretakoak ere, 8 urteko neskei bideratuak (Primark kateak dendetatik kendu behar izan zituen, epailearen aginduz). Nolako mozorroak janzten dituzte haurrek? Zenbat makillaje maletatxo oparitzen zaizkie neskei? ("eta ez fantasiaz makillatzeko edo mozorrotzeko, sarri emakume nagusien modura makillatzeko baizik", gogoratu du Barquínek). Frantziako Vogue aldizkariak 10 urteko haurrak atera zituen azalean 2011n, jantzi eta pose probokatiboekin, eta zalaparta handia eragin zuen erabakiak. Lucía Martínez irakasleak gogoratu digu azken urteetan nesken sexualizazioari lotutako enpresak ere sortu direla: bertan umeak makillatzen dituzte, azazkalak margotzen dizkiete, takoitxoak jartzen… printzesa gisa irudikatzeko. Horren guztiaren helburua garbi du Martínezek: gehiago saltzea, "sexualizazioaren atzean gizarte kapitalista eta kontsumista baten markoa" baitago.
Loti ederra izan nahi dut
"Marketin modernoaren teknika transbertsalek lortu dute gaur egun edozein neskatok etxean ikusi ahal izatea Loti ederra telebistan, loti ederraren panpinarekin jolasten duen bitartean eta neskatoak berak loti ederraren soinekoa gainean jantzita daramala –kontatzen du Natasha Walter idazleak, Living dolls liburuan–. Eskolara joan daiteke Bratz eta Barbie panpinak gainean dituela, hasi kuleroetatik eta motxila eta ileko diademaraino, eta etxera bueltatzean Disney printzesen apain-mahaiko ispilutxoan begiratu dezake bere burua. Bai, marketin estrategiek lortu dute neska erreala eta panpina fusionatzea duela gutxira arte pentsaezina litzatekeen mailan. Fusio hau haurtzaroaz gaindi luzatu daiteke, gazte askoren nahia panpina baten moduan bizitzea izateraino, Bratz edo Barbie baten itxura helburu".
Natasha Walter: "Eskolara joan daiteke Barbieak gainean dituela, hasi kuleroetatik eta diademaraino, eta etxera bueltatzean printzesen ispilutxoan ikusi dezake bere burua. Neska eta panpina fusionatzea lortu du marketin modernoak"
Barquínek Monster High marrazki bizidunak aipatu dizkigu: institutura doazen neskak dira, denak erabat sexualizatuta. "Gerta daiteke horietako batek gustuko izatea estilo hori, baina ez dago aniztasunik, denak doaz makillatuta, denak plataformen gainean, denak arropa gutxirekin beti bero handia egingo balu bezala… eta familiok etxera ekartzen ditugun Troiako zaldiak dira, seme-alabei erakusten dietenak nolakoak izan behar duten urte gutxi barru. Zorionez, beste produktu batzuk ere jasoko dituzte (trapuzko Pirritx, Porrotx eta Marimotots, adibidez), baina eredu estereotipatuak erakusten dituzten produktuen kopurua oso handia da, kuantitatiboki indar handia dute eta hezitzaileok egin beharreko kudeaketa ez da erraza. Presio horiek hor daude, etengabeak dira, txikitatik bide hori jarrai dezaten". Amerikako Psikologia Elkartearen ikerketak dio 4 urte inguruko umeei zuzendutako produktuak (marrazki bizidunak, pelikulak, arropa, jostailuak…) ezaugarri erotikoetan enfasia egiten hasten direla dagoeneko, bereziki neskei zuzendutakoak.
Dena den, mutilak ere ez daude salbu, eta gero eta handiagoa da euren gorputzen gainean jasaten duten presioa. "Pena da, emakumeen gorputzak askatu ordez, denok askatu ordez, edertasunaren katea estutu eta gizonen gorputzetara zabaltzen ari baita –azaldu du Barquínek–. Oraindik haur diren mutilak entzun ditzakezu, 'halakok sabelean txokolatezko tableta dauka' moduko espresioak erabiltzen".
Nortasun desitxuratuak eraikitzen
Umeak erotizatzea da umeei haurtzaroa lapurtzea eta laburtzea. Lapurtzea, etapa horretan inportanteak diren jarduerek eta ezaugarriek bigarren mailan geratzeko arriskua dutelako, erakargarri izan nahia lehentasun bilakatuta. Eta laburtzea, bizitzaren etapa naturalak azkartzea delako, haurrak nerabe bihurtzea, sexualitatearen garapen naturala egin ordez ikuspegi oso jakina duten jarrera sexual desitxuratuak inposatzea, asumitzeko prest ez dauden rolak, ongi ulertzen ez duten sexytasun hori bilatu nahi izatea, heldutasun faltsu batetik. Heldu batek izan ditzakeen tresnak izan gabe presioei erantzun behar izateak gorputzarekiko eta norbere irudiarekiko kezkak eta beldurrak ekar ditzake, segurtasun eta autoestimu falta, antsietatea…
Eredu jakin bat barneratzen duen neskak, hazi ahala ere takoiekin, arropa gutxirekin eta makillatuta ikusiko du eder bere burua, sinetsiko du sexualki erakargarri izateari lotuta dagoela ez bakarrik arrakasta, baita oraindik eraikitzen ari den nortasuna bera ere. Emakume bezala, nortasun eta espektatiba desitxuratuak eraiki ditzake, gorputzean, irudian eta sexu erakargarritasunean zentratuak; pertsona bezala definitu dezaketen bestelako arlo eta ezaugarriak bazterrean utziz. Mutilek ere, rol horretan kokatuko dute neska txikitatik.
Bratz panpinak eta "Monster High" marrazki bizidunetako pertsonaiak.
Ez, sexualitatea eta sexualizazioa ez dira gauza bera
Jakina, txikitatik bizi dugu sexualitatea, eta sexuaren garapen natural eta osasuntsua ahalbidetzea gauza ederra da, baina ez dugu sexualitatea sexualizazioarekin nahastu behar: pertsonari ikuspegi instrumentala ematen dio sexualizazioak, objektu sexual bihurtzen du, eta umeei konbentzio batzuen araberako sexualitate heldu bat inposatzen die, zeinetarako ez dauden prestatuta ez emozionalki, ez psikologikoki, ez fisikoki. Lucía Martínezen iritziz, guztiz zentzugabe jokatzen dugu: "Txikitatik sexu-irrika inportanteak ditugun arren, umeen sexualitatea ukatu egiten da, jarrera batzuk moztu egiten zaizkie, adibidez sexu-organoak ukitzea, baina aldi berean mezu erabat sexualizatuak helarazten dizkiegu".
Gure gizarte hipersexualizatuan, sexua oso erraz iristen zaie haurrei, gainera eredu jakin bati erantzuten dion sexualitatea, baina ez dugu haiekin lantzen hori guztia kudeatzeko tresnarik. "Pornoari buruz adibidez institutuetan hitz egin beharko litzateke, zer ari diren ikusten gazteak, zein ezaugarri dituen pornoak, bizitza errealean zer gertatzen den… baina hezitzaileok ez gara ausartzen. Gabezia nabarmena da", dio Barquínek.
Ez dugu sexualitatea sexualizazioarekin nahastu behar: sexualizazioak objektu bihurtzen zaitu, eta umeei konbentzio batzuen araberako sexualitate heldu bat inposatzen die, zeinetarako ez dauden prestatuta
Zer egin?
Begirada heztea eta trebatzea da bidea, Martínezen ustez, "eta egiten ari gara dagoeneko, baina patriarkatuaren indarra handia da". Barquínentzat ere, formazioa eta kontzientzia hartzea dira gako nagusiak: "Eskolak aukera dauka gai honekin lan egiteko, baina horretarako irakasleak formatu behar dira. Irakasleok, ordea, beldurra diogu sexualitatearen gaiari; oraindik ere Lehen Hezkuntzan norbaitek etorri behar du kanpotik gizakiaren sexualitateri buruz hitz egitera! Irakasleak denari buruz daki, baina gizakien sexu-harremanei buruz ez daki nahikoa eta kanpotik espezialista batek etorri behar du? A zer gauza arraroa sexua! Jabetzea, ahalduntzea falta zaigu. Familiak formatzea ere helburu bat da, baina ez da hain erraza".
HOTZA ETA ASKATASUNA
"Txarra al da ba minigona jantzi, makillatu eta takoiak erabiltzea?" galdetuko du batek baino gehiagok. "Bakoitza nahi duen bezala joan dadila –dio Amelia Barquínek–, baina presioak identifikatzeko gai izan gaitezela, erresistentzia txikiak egin ahal izateko. Zergatik dute neska ia denek ile luzea? Ez da kasualitatea". Azken finean, sexualizazioa ere emakumeen askatasun ikurra bailitzan saltzen dute, sexualki aske diren emakumeen garaipentzat, baina orduan zergatik erreproduzitzen du ustezko askatasun horrek sexismoa eta objektualizazioa, muturreko feminitateari lotuta?
Testuingururik jartzen ez zaion askatasun indibidualaz mintzo da Ana de Miguel idazlea, Neoliberalismo sexual. El mito de la libre elección liburuan: "Diskurtsoa da edozein harreman mota legitimoa dela, harreman horretan inplikaturikoek onartu egin badute, eta diskurtso horrek patriarkatuaren mekanismoak ezkutatzen ditu, genero ezberdintasuna mantentzen duen hori nahi izatera bultzatzen gaituzten mekanismoak. Matxismo egoerak justifikatzen dira, esanez denak pertsona askeak eta berdinak garela, eta egoera horietara boluntarioki eta libreki iritsi garela, inongo presio motarik egongo ez balitz bezala".
Versaceren soinekoa eta jakadun gizonak
Helen Lewis kazetariak Twitterren zintzilikaturiko irudiak zalaparta dezente sortu du sare sozialetan. Britainia Handiko Bafta zinema sarien galan, bost famatu ageri dira argazkian, terraza batean: Jennifer Lawrence aktore ezaguna erdian, oihal gehiegirik ez duen soinekoa jantzita, eta lau gizonezko inguruan, denak jaka jantzita. "Irudi hau hain da etsigarri eta esanguratsua. Gaur kalera atera naiz eta hotz izugarria egiten du", dio kazetariak. Erantzun andana jaso du, bi norabidetan: nork bere gorputzaren gainean erabakitzeko aske garela aldarrikatzen dutenak, eta askatasun horren atzean presio ez beti ageriko ez beti kontzienteak daudela uste dutenak, inork pistola buruan jarri gabe hartutako erabakia izan arren barneratuta ditugun eredu/lehentasun batzuei erantzuten diela. Hona erantzun horietako batzuen bilduma eta protagonistaren beraren hitzak; norberak atera ditzala bere ondorioak:
"Ez zaizue burutik pasa emakumeak berak hartu zuela erabakia? Benetan uste duzue Jennifer ez dela gauza ezetz esateko?", "besterik gabe, bere burua zirraragarri ikustea erabaki zuen", "bere gorputza, bere erabakia. Gogoan duzue? Zine industriako puritanismo hau oso desatsegin bihurtzen ari da", "espektatiba sozialez ari gara. Gizon guztiak goxo jantzita, eta gero soineko eder bat, moztua, oilo-ipurdi azalak sostengatu beharrekoa", "uler dezaket emakume honek horrela jantzita atera nahi izatea, ados, bere erabakia izan zen, baina gizonak ere haragi pixka bat erakusten ikustea gustatuko zitzaidakeen, gauzak orekatzeko", "eszena puntual honetatik harago, gakoa da kontu orokorra dela. Emakume asko ikusi ditut gona motzekin neguko ostiral gau hotzetan. Ibilbide luzeak egiten dituzte eta inoiz ez dute berokirik erabiltzen, euren burua 'eder ikusteko'", "egungo telebista saioen %99aren errealitate etsigarria da hau. Emakumea: denak hanka luze eta eskotearekin. Gizonak: trajea edo informal dotore", "ez dagoen jakaren misterioa liburu eta pelikuletako gai errepikakorra da. Nire ondorioa da emakumeak inoiz ez direla hozten istorioetan". Polemika ikusita, Jennifer Lawrencek berak ere erantzun zuen: "Versaceren soinekoa sekulakoa da; benetan uste duzue soineko eder hori beroki edo bufanda batekin estaliko nuela? Bost minutu baino ez nituen eman kanpoan, eta elurra ari balu ere aterako nintzatekeen soineko horrekin, moda maite dudalako, eta hori izan zen nire erabakia". | news |
argia-857f1f9ee323 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/baztango-agroekologia-eskola-herritarra.html | Bigarren ikasturtea martxan | Garazi Zabaleta | 2018-03-25 00:00:00 | Bigarren ikasturtea martxan
Baztango herritarrek agroekologiaren inguruan ikasteko aukera izanen dute Agroekologia Eskola Herritarraren bidez. Iaz sortu zuten ekimena, Baztango hainbat herritako zortzi erakundek elkarlanean egitarau bateratua aterata. "Dibulgazioa du helburu eskolak, herritarren kontzientzia pizteko, baina ez dugu horretarako bakarrik sortu", azaldu du Joseba Otondo alkateak ekimenaren aurkezpen prentsaurrekoan.
Erakundeen-parte hartze zabalagoa eta eskaintza berritua aurten
Iazko eskolen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, egitarauko ekimenetan 120 pertsona baino gehiagok hartu baitzuen parte. Aurtengoan eskaintza ia osorik berritu dutela eta antolatzen elkarte eta erakunde gehiagok bat egin dutela azaldu du Aitor Azkarate Hazitik Hozie elkarteko kideak.
Baratzeko haziak prestatzeko ikastaroarekin ekin zioten otsailaren 24an ikasturte berriari, Oronozen. Martxoaren 10ean, berriz, Haziaren Eguna antolatu zuten Zigan: hazien trukea egin zuten goizean eta Jakoba Errekondoren hitzaldia izan zuten gero. Martxo bukaeran glifosatoaren inguruko hitzaldia antolatu dute Elizondon, eta bertako zuhaitz espezie eta barietateak ezagutzeko ibilaldia Berroetan. Eskola Herritarreko ekimenek abendu arte jarraituko dute: garagardoa, gazta eta ogia egiten ikasteko ikastaroak, sagardotegi eta sagardi ekologikora ateraldiak edota aste mikologikoa izanen dituzte, besteak beste.
Agroekologiako erdi mailako zikloaren eskaera
Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe berrian euskaraz erdi mailako agroekologia zikloa eskaini dezaten eskatzeko baliatu du Joseba Otondo alkateak Eskola Herritarraren ikasturte berriko prentsaurrekoa. "Eskualdearen garapenerako agroekologiaren formazioa estrategikoa da. Heziketa horrek, gainera, Baztanen gaurgero abian diren proiektuekin bat eginen luke", adierazi du. Arduradunei jada eskakizuna helarazi dietela jakinarazi du alkateak.
Eredu intentsibo, industrial eta produktibistaren aurrean bestelako ereduak bultzatzearen beharra azpimarratu du Otondok. Auzo eta herri txikien etorkizuna bermatuko duen nekazaritza ereduaren alde egin beharra dagoela. "Ipar Euskal Herriko nekazariek egunero lantzen duten nekazaritza herrikoi eta iraunkorra behar dugu". | news |
argia-10f85166481a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/armak-eman-ditzagun.html | Armak eman ditzagun | David Bou | 2018-03-25 00:00:00 | Armak eman ditzagun
Orrialde honetan idaztea proposatu zidatenean hainbat dudak harrapatu ninduen, gauza bat ebatzi behar nuen oroz gainetik. Sailean nor ordezkatzen nuen, ahots maskulinoen aldean ahots femeninoen pisua ezagutu nahi nuen. Erantzuna egokia izan zen.
Inork ez dezala pentsa, idazteko aukera eman zidatela nire pribilegioen oso kontzientea naizelako, aitzitik, lagun feminista bati aspaldian entzun nizkion hitz hauek burrunba egin zidaten: "Zure ustez, zer egin dezakegu gizonok borroka horretan laguntzeko?", galdetu nion. Haren erantzuna zorrotza izan zen: "Hobe duzu pentsatzea zer ez duzun egin behar, aurrera egin dezagun oztopo ez izateko". Kontraesanak biderkatu zitzaizkidan.
Gizon gaztearen erosotasunean bizitzen ohituta nago. Zuria, heterosexuala eta ekonomikoki egoera sozial egonkor batean bizi naiz, habitatzen dugun gizarte kapitalistarentzat produktiboa eta baliagarria. Zerbaitek –edo norbaitek– eskaintzari muzin egitea eskatzen zidan, nire luxuzko etxea apurtu nezan. Hausnartzeko txokora alboratu eta burua makurtu nuen. Nire aurrerapausoek gutxiesten zuten jende horri guztiari aurrea hartu baino lehen, atzera egitea aurreratzea izan daitekeela ulertu nahi nuen.
Eguneroko bizipenak ekarri nituen akordura. Gure arteko gehienok profitatzen ditugun episodioak, eskura ditugun hamaika modu menperatzaile matxista sotilak. Esate baterako, familiako irudiak. Berauetan ama, arreba, izeba edo amona janaria atontzen agertzen dira, etxea garbitzen, galtzontziloak ikuzten edo pertsona guztien zaintza bermatzeko denbora hartzen. Guk ostera, betebehar horietarako guztietarako ez dugu beta hartu nahi.
Gauza gehiagoz ere gogoratu nintzen: gure harreman sexu-afektiboez, biktima bihurtzeko erabili izaten ditugun gure segurtasun gabeziez, gure hauskortasunak ezkutatzen dituzten harremanak bultzatzeko moduez. Areago, jeloskeria erabili dugun aldi bakoitzean, gure kontrola handitzeko eta erabakitzeko beren eskubidea gutxitzeko gure jokamoldeez, baita ika-mika bat eragiten dugun aldiro, gure gizontasunak argi eta garbi azaltzea oztopatzen digun arreta lortzeko jarreraz ere.
Gure arteko ituna bertan behera utzi dute eta harreman arauak betiko aldatu. Hara, guztiz garbi ez bazegon: ez gaituzte behar! Ez greba antolatzeko, ezta mundua geldiarazteko ere
Ikusten duzue? Inkontzienteki, pluralaren lehen pertsonan idazten jarraitzen dut. Aski da! Nork bere ardura hartzea ezin da horren zaila izan, gainerakoek egiten dutena aintzat hartuz gero. Atea ireki eta nire kolektiboaren batzarrean leku hartu dut. Berriz ere, lankide emakumezko bati hitza kendu diot, nirea berea baino garrantzitsuagoa bailitzan. Lasaitu naiz, txanda hartzeko beste bederen, esan dutena errepika dezaten behar dut, defendatzen dudan jarrera argi eta garbi gera dadin une oro. Artean, nire parte-hartzea oraindik amaitu gabe, nire burua agertzen duten lanetan izena eman nahi dut, ez dezala inork ahaztu militante ona naizela, une oro gizon prestua naizela denek ikus dezaten.
Anabasa gaitzean sartzen ari naiz. Eta honezkero nire burua feministatzat neukan! Maskulinotasun ez-hegemoniko berrien praktikatzailea, gizon dekonstruitua. Gainera, orain gure burua aliatutzat daukagu, haatik, gustatu edo ez gustatu, gerra madarikatu baten borreroak gara. Gaur lokartzea kostatuko zait. Inork ez dit etxeko atariraino jarraitu, ez naiz ere maite omen nauen morroi baten beldur, hala ere, iragan martxoaren 8az geroztik, gizonok ere hats hori sentitzen hasi gara gure gibelean, ezta?
Gure arteko ituna bertan behera utzi dute eta harreman arauak betiko aldatu. Hara, guztiz garbi ez bazegon: ez gaituzte behar! Ez greba antolatzeko, ezta mundua geldiarazteko ere. Ez gaituzte familia nuklearraren ereduaz kanpoko bestelako familia bat osatzeko behar, ezta harreman libre askeak eta eraldatzaileak eratzeko ere; eta zer esanik ez, ez gaituzte behar benetako mugimendu sozial sendoak eta emantzipatzaileak eraikitzeko.
Aitzitik, juxtu kontrakoa. Behatu, isildu eta entzuteko zer ikasi franko dugu. Des-ikasteko bide luzea daukagu euren askatasuneranzko bidea oztopatzen duten harritzarrak ez izateko. Ausartu gaitezen elikatu dugun statu quo sostengaezin honen mekanismo eta jukutriei uko egiten. Ez egile, ez konplize: gurea deusezta dezagun eta armak eman, bizitzak bestelako bide bat eskatzen du. | news |
argia-dbaa470f248f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/gezurra-eta-xantaia.html | Gezurra eta xantaia | Juan Mari Arregi | 2018-03-25 00:00:00 | Gezurra eta xantaia
Joan den astean Espainiako Kongresuan pentsioen inguruko eztabaida izan da; berriz ere, espainiar gobernuaren xantaiak eta gezurrak agerian geratu dira.
Bereziki Mariano Rajoyren diskurtsoak eragin du "sute" handiena eta joan den larunbatean milaka pentsionista kalera atera ziren beste behin masiboki, batez ere Hego Euskal Herrian.Rajoy kapitalismoaren kudeatzaile fidela da, eta sistemak inposatzen dion bidea hartu du: pentsioak pribatizatu finantza entitateak elikatzeko. Horretarako gezurra esaten du: ez dago dirurik pentsioak ordaintzeko, are gutxiago egungo pentsio sistema publikoa etorkizunean mantentzeko. Denbora irabazi eta kaleko presioa saihesteko, hobekuntzaren bat iragarri du, gehiegi zehaztu gabe, gutxieneko pentsioa jasotzen dutenentzat eta alargunentzat, baina Estatuko aurrekontuak onartzearen truk. Gainerako alderdiei eskatu die parlamentuan aurrekontuak babesteko, eta bestela… kito! Pentsionisten egoeraren arduradun oposizioa izango da, bera ez babesteagatik. Xantaia lotsagarria!
Gezurra da ez dagoela dirurik pentsionisten egoera aldatzeko. Ez dagoena da borondate politikorik. Badago dirua NATOri urtean 20.000 milioi euro ordaintzeko. Badaude beste 60.000 milioi euro bankuak erreskatatzeko, 2.000 milioi autopistekin gauza bera egiteko, eta milaka milioi monarkiarentzat, ejertzitoarentzat, politikarientzat… Lehentasun kontua da, ea nola banatzen dugun aberastasuna. Eta kapitalismoaren zerbitzura dagoenak, PP kasu, lehentasun horiek ditu. Euskal Herritik subiranotasun ekonomiko eta politikoa aldarrikatzen dugu, baina herritarren eta langileen interesei erantzungo dien gizarte segurantza bat kudeatzeko izan dadila. Zeren eta, bai, hemendik ere Rajoyk bezala kudeatu daiteke. | news |
argia-2b9d7323b90b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/iraganetik-etorkizunera.html | Iraganetik etorkizunera | Xabier Etxaniz Erle | 2018-03-25 00:00:00 | Iraganetik etorkizunera
Bi herri ipuin jasotzen dira Mainamikirri izeneko liburu eder honetan: Erregeren alaba eta Katu beltzak izenekoak; biak, kredituetan ageri den bezala, Burundako herri ipuinak eta Izaskun Etxeberriak 1986an eginiko grabazio batetik jasoak.
Ipuinak ahozko kontakizun idatziak ditugu, ozenki irakur daitezkeen istorioak, eta herri ipuinetan gertatu ohi den bezala deskribapen gutxi, ekintza asko eta elkarrizketaz osatuak. Erregeren alaba honela hasten da: "Baziren behin bost garbitzaile errotara joaten zirenak arropak garbitzera. / Haietan txikiena Mainamikirri zen, eta sorginena./ Goiz batean, errotan zeudela, batek galdetu zuen: / – Neskak, hemen gara denok? / – Ez, Mainamikirri falta dun –erantzun zuen beste batek. / –Betikoa. Hura beti azkenekoa." Baina Mainamikirri agertu bezain pronto akabo bertako lasaitasuna; Mainamikirri -k erregeren alaba oso gaixo dagoela esaten die baina berak badakiela zer egin behar den hura sendatzeko (zaldi baten bitsa izaran batu…). Kontua da emakumeak hizketan ari diren bitartean kuxkuxero batek dena entzun eta erregeren alaba sendatu zuela, bai eta dirutza ederra jaso ordainean.
Hurrengo batean Mainamikirri- k eta lagunek, kontu kontari hasi aurretik, inguruak arakatu zituzten eta kuxkuxeroa harrapatu eta errotan ehotzeko imintzio ere egin zuten. Gizontxoa -k korrika ihes egin zuen… eta badirudi oraindik ere lasterka ari dela!
Katu beltzak ere sorginkeriarekin erlazionaturiko euskal ipuin tradizionala dugu; eta, aurrekoa bezala, oso erraz irakur eta entzun daitekeen istorioa.
Morkots -en ilustrazio handiek are gehiago erakartzen dute irakurlea istorioak jarraitzera. Irudiekin eta hutsuneekin jolasten du ilustratzaileak irakurlearen arreta areagotzeko eta irudietan, aspaldiko giroa islatzen duen arren, lortu du gaurkotasuna ere agertzea.
Bai kontakizunengatik bai ilustrazioengatik Mainamikirri oso liburu erakargarria egiten da, iragana gaur egunera ekarriz, etorkizuna eraiki dezagun. Eta alde horretatik pena bakarra daukagu, liburu hau sorturiko eskualdean bakarrik eskura daitekeela eta oso zabalkunde txikia duela.
Txalogarria da Fanietorrikoek eginiko lana, hainbat udalek eta erakundek egin duten bezala; egongo ahal da lan hau eta hau bezalakoak Euskal Herri osora zabalduko dituen argitaletxea! | news |
argia-17d20dea236c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/esparta-ustelkeriaren-kontra.html | Esparta ustelkeriaren kontra | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2018-03-25 00:00:00 | Esparta ustelkeriaren kontra
Esparta (Grezia) K.a XII.-VII. mendea. Likurgok hainbat erreforma ezarri zituen hirian eta Espartako Konstituzioa ere hari egozten diote. Likurgoz aritzean, zaila da errealitatea eta kondaira bereiztea, Antzinaroko hainbat historialarik jaso baitzuten haren berri (Herodotok, Jenofontek, Plutarkok...). Horregatik ezin da, besteak beste, bizi izan zen garaia zehaztu.
Iturri joriena Plutarkoren Bizitza paraleloak da. Bertan jasotzen da Likurgok ustelkeriaren eta aberaste bidegabearen aurka abiatutako bide sinple baina eraginkorra. Espartar agintariak arazoaren jatorrira jo zuen: dirura. Ordura arteko urrezko eta zilarrezko txanponak erretiratu eta burdinazko txanpon astunak eginarazi zituen. Txanpon berriei balio oso txikia emanez, hiper-inflazio modukoa eragin zuen eta "espartarrek txanpon zorroak zaldiz tiratutako gurdiez ordezkatu behar izan zituzten".
"Soilik aldaketa horrekin Lazedemonia askotariko krimenetatik askatu zuen; nork lapurtuko zuen, nork joko zuen eroskeriara edo nork erabiliko zituen amarruak, emaitza ezin bazen ezkutatu, ez bazuen kodizia pizten eta etekinik ez bazekarren? […] Besteek baino gehiago zutenei ez zien ezertarako balio eta ez zuten oparotasuna harrokeriaz erakusteko biderik".
Baina luxua eta gehiegikeriekiko irrika diruaz harago ere itzali nahi izan zuen eta horretarako hiritarren elikadura arautu zuen. "Denek elkarrekin eta berdin jaten zuten, inor itsu-itsuan gizendu ez zedin, gorputzak alferrik gal ez zitezen, nork beti gaixoen moduan joka ez zezan".
Espartar guztiak egunean hirutan jangela komunitario batean biltzen ziren eta han ilotek sisitia edo jakiak ematen zizkieten. Hau da, berdintasunaren paradisu berri hartan janaria esklaboek zerbitzatzen zuten. Inor ez baita perfektua, ezta Likurgo bera ere.
Eta, hala ere, horretan saiatu zen bizitzaren amaiera arte, beti ere kondairaren mugan dagoen kontakizunaren arabera. Bidaia bat egin baino lehen, espartarrei zin eginarazi zien ezarritako legeak errespetatuko zituztela bidaiatik itzultzen zen arte. Juramentua lortu zuenean abiatu zen, baina ez zen sekula itzuli. Bere buruaz beste egin omen zuen espartarrek legeak betiko bete zitzaten. | news |
argia-b15f07ba9c1d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/mercona-puig-antich-memoriaren-zaindari.html | "Duela 44 urteko minak bere horretan jarraitzen du" | Saioa Baleztena | 2018-03-25 00:00:00 | "Duela 44 urteko minak bere horretan jarraitzen du"
1974an Bartzelonako Model espetxean frankismoak exekutatu zuen Salvador Puig Antichen arreba da Merçona (Bartzelona, 1961). Hamahiru urte bertzerik ez zituenean murgildu zen, Carme, Imma, eta Montse ahizpekin batera, inpunitatearen kontrako borroka astunean, gaurko egunera arte. Anaia hil zuten tokian egin dugu elkarrizketa.
Model espetxearen egoitzara behin baino gehiagotan itzuli zara. Zer sentitzen duzu pareta hauen artean?
[Isilunea] Barruak nahasten zaizkit. Paretek hitz egiten didate…
Gaztetxoa zinen anaia ebatsi zizutenean. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Gezurra badirudi ere, oroitzapen xamur asko ditut hemen. Nire nebaren espetxeratzea ikasgai garrantzitsua izan zen eta esango dut normaltasunez hartzen nuela. Testuinguruak berezkoa zuen larritasunaz kontziente izan gabe, noski. Eskolatik atera eta hona etortzen nintzen saltoka, liburuak ekartzen nizkion eta elkarrizketa sakonak izaten genituen pareta hauen artean. Gerora konplikatu zen, isolatu zutenean.
Ondoan dugun gela horretan hil zuten zure anaia.
Bai, eta Salvadorrek ez zuen nahi izan hilketaren aurreko hamabi orduetan gu han izatea. Beraz, egun hartako oroitzapen gutxi ditut. Shock egoera zen. Saskibaloiko partida bat nuen. Pistara iritsi nintzenean ulertu nuen dena, entrenatzaileak aurpegi txarrarekin begiratu zidanean. Korrika etorri nintzen Modelera…
Hamahiru urte bertzerik ez zenituen. Nola eragin zuen horrek zure gaztaroan?
Salvador hil ondorengo garaia oso gogorra izan zen. Ez nuen ezer ulertzen. Nola ulertu? Egun batetik bestera panpinekin jolasten ibiltzetik, erailketak marraztu zuen pasarte goibelean murgiltzera pasa nintzen. Izugarri argaldu nintzen… Familiaren elkartasuna ezinbestekoa izan zen ordutik aurrera: talde trinkoa osatu genuen. Eta eskerrak! Bestela memelo bilakatzen baitzara…
Frankismoaren hilketak zigorrik gabe gelditu dira, inpunitatearen kontrako borrokak bizirauten duen arren. Nola bizi duzu?
Amorruz eta gertatutakoa gehiegi ulertu gabe oraindik. Okerrena da orain Katalunian gertatzen ari denak berriz gogora ekartzen duela guk orain lau hamarkada bizi genuena. Askatasun egarriak talka egiten du, behin eta berriz, munstro berarekin.
Bortz hilabete bete berri dira preso politikoak espetxeratu zituztenetik. Badago kontzeptu horren erabilera zalantzan jartzen duenik. Zer deritzozu?
Preso politikoak direla argi dago! Ikusi besterik ez da egin behar atxiloaldi prebentiboa. Madrilek legeak sortu eta aldatzen ditu bere kasara. Bistan da espetxeratuen askatasuna urratzen dutela, epaiketa egin aurretik.
Urtarrilean Joseba Asironek Ada Colauri pasa zion Frankismoaren Inpunitatearen Kontrako Hirien Sarearen presidentzia. Erakundeen babes nahikorik izan duzue urte hauetan guztietan?
Katalunian bai. ERCk 2002an mozio bat aurkeztu zuelako, adibidez, auzia berraztertzeko. Erabakigarria izan zen, finantzazioa eta proba berriak bilatzeko abokatu talde bat lanean aritu zelako. Alderdi guztiek babestu zuten mozioa, baita PPk ere. Itxaropenaren atea zabaldu zitzaigun, baldintza guztiak betetzen genituen, baina, botazioan auzitegi militarra zegoenez, ez genuen ezer lortu…
Bartzelonako Udalaren bitartez Puig Antichen sententzia idatzi eta gaur egun aktibo dagoen Carlos Rey abokatuaren kontrako kereila aurkeztu duzue. Erantzulerik agertuko al da oraingoan?
Arazoa da, denbora aurrera doan heinean, frankismoaren erantzuleetako asko dagoeneko hil direla. Eta urrats hau garrantzitsua izan da, hain zuzen ere, bizirik eta aktibo dagoelako Carlos Rey. Itxaropen iturri bat da guretzat, nahiz eta esperientziak erakutsi digun, orain arte jarri diren kereila guztiek ez dutela aurrera egin. Aurkeztutako dena eteten dute, Espainiako auzitegiek alderdi karneta dutelako.
Frankismoa ez zen azpiratu eta, ondorioz, diktadorea ohatzean hil zen. Zerikusirik al du horrek gaur egun bizi dugun errepresio testuinguruarekin?
Dena ongi lotuta uzten zuela jakinarazi zuen Francok eta, argi gelditu da hitza bete zuela. Noski, zenbait gauzetan aldatu da testuingurua, baina, zoritxarrez badaude gaur egungo sistemaren hainbat zutabe higiezinak direnak. Eta herritarren eskubideek behin eta berriz egiten dute talka zutabe horiekin. Badirudi politika egiteko modu desberdinak piztu direla azken urteetan, baina era berean inor ez da ausartu, ez eskuindarrak eta ezta ezkertiarrak ere, Pandora kaxa irekitzera.
Katalunian geroz eta gehiago dira gizarte mugimendutik sortu diren elkarte eta egitasmoak. Hala nola Biltzar Nazional Katalana (ANC), Omnium Cultural edo Hipotekek Kalte Eginikoen Plataforma (PAH), bertzeen artean. Zeinetan egongo litzateke Salvador?
Seguruenik, izaeraz aldatuko ez balu behintzat, ez litzateke horietan ariko. Salvador baseko mugimenduetan murgilduta ibili zen beti, antolakuntzarik gabe. Beraz, esango nuke bere kabuz jarraituko zuela borrokan [irriz]. | news |
argia-62c0db09519d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2592/rafa-rueda-hiri-kristalezkoa-diskoaz.html | "Ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada" | Ibon Rodriguez | 2018-03-25 00:00:00 | "Ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada"
Zabalburuko galerietan egin dugu hitzordua Rafa Ruedarekin (Mungia, 1972), Blade Runner filmeko Roy Battyren bizileku bilbotarra izan zitekeen gunean. Rafa Ruedak bakarkako bosgarren diskoa –Hiri kristalezkoa (Elkar, 2017)– ixten duen Irina kantako zebrabideetan ez dago goizean hiria estali duen elurtzaren arrastorik. Aldaketa handirik ez dakar diskoak; bai, ordea, aldaketa txiki ugari, mungiarraren kantagintza inoizko mailarik gorenera igo dutenak, ezari-ezarian, ate batzuk itxiz eta ate ugari zabalduz: "Aurreko diskoekin leku honetara iristea posible zela ikusten dut orain". Puntu honetara heltzeko, eramaten utzi du bere burua, eta umiltasun ariketa sakona egin du bere musika sartuta zegoen inertziatik ateratzeko. "Hamaika proiektutan nabil aldi berean. Batetik, musika maite dudalako, eta bestetik, musikaz bizi naizelako (eta horrek zorionez edo zoritxarrez behartzen nau hamaika gauzatan egotera). Jo, grabatu, jo... inertzia horrek harrapatuta nengoen. Hausnarketa behar nuen nire egitekoaz".
Splitt 77 taldeko Aritz Aranburuk eman zion lehenengo astindua. Lan psikologikoa egin zuen, beste abiapuntu batzuk bilatzera eraman zuen Rueda. "Eta aske sentitu nintzen. Nire lehengaia kantua da, eta askotan poparen egituran ahapaldiak zubira eramaten zaitu eta zubiak lelora. Halako batean errail horretatik ateratzen zarenean hau eta bestea proba dezakezu. Ez dut esaten derrigorrez hortik atera behar duzunik. Kontziente izan behar duzu beste bide batzuk ere badaudela. Ez naiz joan prebisibleak ez diren gauzak egitera. Beste barik, aske sentitu naiz eta zerbaitek hona ekarri nau".
Astinduok eraman dute, esaterako, teklatuetatik abiatzera kantok. "Instrumentu bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere inertziak, eta gitarratik ez abiatzeak halabeharrez beste leku batera eraman nau: nik kantatzeko eta melodiak egiteko modu berezia daukat, eta uste dut hori diskoan badagoela, baina beste soinu batzuetatik sortuta. Ez aurreko Rafarengandik ihes egin nahi nuelako, baizik eta ikusten hasi nintzelako horrela gitarrekin iristen ez nintzen lekuetara irits nintekeela. Tresnaz aldatzeak ekarri dit deslotura hori. Ezkontza hori apurtuta askeago sentitzen naiz".
"Kanta batzuk eternoak diren bezala, beste batzuk hilkorrak dira, osasun txarrekoak"
Gitarra jotzeko moduan izan du eragina horrek, batzuetan sintetizadore bat balitz bezala erabiltzen du, sei sokak batera erabili gabe: "Ez dut ahotsaren lagungarri erabiltzen, hegoak moztu behar izan dizkiot beste tresnek bete dezaten leku hori. Gitarrak eta pianoak aukera harmoniko oso zabala dute. Taldean jotzeko erabili beharreko notak ondo aukeratzera behartzen zaitu. Sei sokak erabilita, talka hori gertatzen da."
Gerria ere astindu dio gitarrarekiko dibortzioak; badira diskoan dantzagarri izateko sena duten kantak – Little Cowboy, Nahikari –, etorkizunerako bidea zein izan daitekeen iradokitzen dutenak. "Egia esan, nahiko dantzagarri nabil. Astinduak, mugimenduak musikan islatzea ez dago txarto. Gorputzean ere sentitu dut askatze bat, eta mugimendua dakar horrek. Askatasunarekin lotzen dut. Nigatik balitz, gitarra gehiago egongo ziren, ohitura izan baitut beti barroko jokatzeko konponketak egitean. Kanpoko belarri batek esan behar izan dit kanta batek ez duela gehiago behar".
Jon Agirrezabala ekoizleaz ari da, haren belarrian jarri baitzuen bere musika, apaltasunez, aholku eta, bereziki, hausnarketa bila. "Esango nuke Jonen papera ez dela maila estetikoan horren nabarmena. Entzuten den kutsu hori bazuten kantuek nik berari eman aurretik. Jon bideratzailea izan da. Proposamen asko egin izan dizkit. Nik banekien nora iritsi nahi nuen, eta berak esparru hori argiago ikusten zuen, nik emandako norabide horretan gidari izan da". Rafa Rueda ekoizleak islatuta ikusi du bere burua Jonen ispiluan. "Asko ikasi dut. Niretzat umiltasun ariketa izan da. Kasu honetan, konturatu naiz Joni esker bilatzen nuen hori nik uste baino gertuago zegoela. Nik lan hori egin izan dut beste batzuekin eta ez naiz izan horren kontzientea, zein zaila den norbere sudurrean euliak ikustea, parekoen sudurrean hain erraz ikusten dituzunean. Nire burua hobeto ezagutzen dut orain".
Atzeraezinezko erabakiak, inondik ere: esaterako, kanten estrukturen inguruko lana – Maryana kantak ondo erakusten duenez–, edota bereziki, kantatzeko modua: gutxien aldatu dela dirudienak du atmosfera honen giltza. "Halako batean Jonek komentatu zidan tentsioa kendu beharko niokeela kantaerari. Horretarako zer egin, melodia aldatu, ala tonua jaitsi? Eta tonu grabean kantatzen hastea beste planeta bat lehen aldiz zapaltzea bezalakoa izan zen. Frekuentzia grabe horiek frogatzea. Ariketa guztiz fisiologikoa da. Konturatzen zara kantatzeko ez dela horrenbeste aire bota behar. Birdeskubritzen duzu zure instrumentua, ahotsa kasu honetan. Zelako indarra duen erlaxatuta kantatzeak nire musikan. Hori da lortu dudan garrantzitsuena. Hori deskubritu izan banu aurreko lanetan, emaitza guztiz diferentea izango zatekeen. Gauza interesgarriak egin ditudala uste dut, baina ez dira biribildu kantaeraren erabileragatik. PiLTren sasoitik beste esparru estilistiko bat hasi nintzen jorratzen, hori ondo landu gabe. Lehen diskoetako kantei tonua jaitsi izan banie… Ze, disko bat grabatzen duzunean eternitatearekin jolasten duzu. Hor egiten duzuna betiko gelditzen da".
Argazkia: Aritz Loiola.
Baina kanta guztiak ez dira eternitatera iristen, baditu hil zaizkion kantak. "Hala ez balitz kantagile perfektua nintzateke. Nire kanta guztiak ez dira onak. Bizirik daudenak soilik. Gustu kontua da. Agian niretzat daude hilda, eta beste batentzat ez. Kanta batzuk eternoak diren bezala, beste batzuk hilkorrak dira, osasun txarrekoak. Abortuei buruz ere zerrenda luzea egin genezake". Zuzenekoak ematen al die bizitza? "Edota gustura entzuteak ere, hurbil sentitzeak. Entzuleak ere ematen die bizitza".
Baina, kantak hil badaitezke, noiz jaiotzen dira kantak? "Nik beti esaten dut kanta bat ez dela kanta testua jaso eta ondo uztartuta egon arte". Baina erakusteko premia sentitzen den unea izan ohi da mugarria kantarentzat, ziurgabetasunezko une hori. "Besteen erreakzioaren esku uzten dut eternitaterako geratzea".
"Inguru bakoitzak bere folka du. Nireak ez du gogora ekartzen belarra, baina badu gurea ere baden folk bat"
Oraingoan lagunen belarriek atzeman zioten kanton sonoritateari kutsu urbanoa, eta jaramon egin zien lagunei. "Hiria hitzetan dago, musika hiria baino lehen existitzen zelako. Hiria aitzakia izan da pertsonei buruz, guri buruz, hitz egiteko. Baina musikan ba omen zegoen kutsu hori, folk urbano gisa defini litekeen zerbait. Ez dira paisaia bukolikoak, baina berdin existitzen dira mendiak, basoak, neoiak eta tabernak. Inguru bakoitzak bere folka du. Nireak ez du gogora ekartzen belarra, baina badu gurea ere baden folk bat".
"Orduan erabaki nuen kanta guztiek pertsonen izenak eta istorioak eramango zituztela, eta ahalik eta ikuspuntu anitzenekin. Horretarako zabaldu nuen idazleen abanikoa (5-6 idazle). Oso ezberdin idazten duen jendea dago, baina denek idatzi dute ni buruan nindutela. Ondorioz, euren idazkera ere aldatu egiten zen, eta askotan zaila da jakitea norena den testu bakoitza; batasun bitxi bat lortzen da hala".
Idaztearekin ere dibortziatu al zara? "Idazten ez dut disfrutatzen musika egiten bezainbeste. Ez dut trebetasun maila hori. Nire testuak askotan ez dira egon musikaren maila berean. Bi aukera nituen. Batzuek diote zintzoena dela norberak idaztea barruan duena. Baina emaitzari zer letorkioke hobeto? Nik idaztea eta emaitza hain ona ez izatea? Ala lan hori proposatzea nik baino askoz hobeto idazten duen jendeari? Eta emaitzaren alde jokatu dut, kantaren alde. Garrantzitsua ez naiz ni, kanta da".
Eternitate horren xerkan, ortodoxia guztiak ezabatu behar dira. "Nire ustez dena da aldagarria. Ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada. Sortzearen hautuak dira. Badago jendea musika lehenengo hartzean baino ez duena maite. Badu bere xarma. Baina 20. hartzea ontzat emateak ere badu xarma, zerbaiten bila joan eta lortzen bada. Biak dira balekoak. Momentu batean jolas naiteke horrela izatera, ariketa modura. Baina hautua kontzeptuaren aldekoa izango litzateke, ez emaitzaren aldekoa. Ez dut halako ariketarik planteatu. Beti nago prest aldaketetarako, emaitzaren aldekoak badira". | news |
argia-d8f849c8d275 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/moltes-gracies.html | Moltes gr�cies | Bea Salaberri | 2017-10-22 00:00:00 | Moltes gr�cies
Egunak aitzina doaz iritzi honen idazteko epea agortu artean jarduteko gaien zerrenda egiten, ondorio bakarrera heltzeko: zertaz idatzi ez bada Kataluniaz, zertaz idatzi ez bada aspaldiko partez interes, ilusio eta zirrara eragin dizkigunaz? Nahiz bestalde nehon agertu ez den zer erranik gutxi egon jada, eta ezin jakin hau agertuko denerako zertan egonen den gaia, erremediorik ez. Horrela, esker beroak zuzendu nahi nizkioke azken asteetan hainbat mailatan egunerokotasun geza inarrosi duen herrialdeari.
Hasteko, historian agian berrogeita hamar urteetarik behin baizik irekitzen ez den zirrikitu horietarik baten lekuko bilakatu gaitu; lurralde batek menpekotasunetik ateratzeko bidean luzaz aurrera egin eta noizbait azeleratzen duen momentu hunkigarri hori ez dukegu hain hurbiletik berriz ikustekoa bulta batez, eta horrela eredu hurbila bihurtu da Katalunia, gure inertzietatik edo saldukerietatik, gehiegi kostatu eta xurgatu gaituzten lorpen eskasetatik, gure proiektu hilaurretatik hara oroitarazi digu posiblea dela, proiektu abertzaleak bide egin dezakeela eta uxatu gure baitatik errotu diguten espiritu erregionalista galtzailea.
Bestalde, Kataluniak frogatu du mundua kordel bidez antolatu zuten estatu inperialisten sistema hau iraungia dela, denbora kontua dela, agian guk ez, baina gure haurrek bai, ikusiko dutela oraindik asmatzekoa den egitura berrien mundua.
Gero, betikotasun eneagarritik atera gaitu, ez baita gutxi.
Ez da egon egunik azken hiru asteetan, zeinetan ez baitut esnatzean berean emoziorik sentitu ekialdeko gertakariei begira, batzuetan onerako, besteetan txarrerako.
Goizero kafea edaterakoan zenbait detaile ernagarri komentatu ditugu, auzitegietako erabakien haritik, diskurtso idor nahiz hegaldi lirikoz eta erreplika umoretsuz jositako hitzen lehia deliziosez elikatu gara, aspalditik ezagunak ditugun itsuskeriak ezin ageriagoak gertatu dira, eta mamu zaharrak beren ziloetatik atera… Irriarrarazi gaituzte batetik eta bestetik durduzatu, itotzeko ahalegin eta neurri kontzertu guziak gordinki bistaratuz.
Harritu gaitu, adibidez ni bezalakoentzat surrealista eta ulergaitza den "Espainia" kontzeptu zurrunak, bereizketa guzien gainetik batzen baititu irrazionalki frente ezberdinak.
Probetxu egin digu, katalanaren ulermen maila egundaino ez bezala emendatu baitugu. Amets eginarazi digute Perpinyatik etorritako boto paperek. Atseginekin entzun diogu Carles Puigdemonti, frantses maila ederrarekin ihardukitzen. Hegoaldeko jendeei zintzarrotsen plazera dastatzeko parada eskaini die.
Gertakariak @cat, #cat eta.cat bihurtu gaitu sarean zilintzo –bistan dena, ez naiz gatuez mintzo–, gure denbora lerroak zipatu ditu gaiak, notifikazioa zerbitzuak sutan jarri, gure jario agregatzaileetara hamarka iturri gehitu.
Oroz gainetik, Europako herri gutxitu guziei gogorarazi digu, katalanek bezala, boten hotsa hazten denean, xapinen kentzeko tenorea heldua dela, etsitu gabe.
Horregatik guziagatik milesker: ukanen dugu zer kontatu gure haurrei eta arra-haurrei!
Pertsonalki –eta katalana banintz gutxiago–, ez nuke itzuli nahiko "betiko bizitzara" Betiko bizitza eramateari utzi ziotenetik katalanek, haiek eta gutariko anitz sekula baino biziagoak sentitu baikara eta behin hau dastatuz gero, esperantza berrindartuz gero, betikotasunerako itzulerari kiratsa dario. Aldatzea zaila izanik ere, anitzez garestiagoa bailitzaiguke lehengora itzultzea. n | news |
argia-352ff609e6c1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/garonak-hor-segitzen-du.html | Garo�ak hor segitzen du | Juan Mari Arregi | 2017-10-22 00:00:00 | Garo�ak hor segitzen du
Gasteiztik 40 kilometrora dagoen Garoñako zentral zaharkituak, 42 urteren ondoren ez du energia nuklear gehiago sortuko, Espainiako Gobernuak ixteko erabakia hartu baitu.
Funtzionatzen segi zezala nahi zuen, baina horretara derrigortu dute herri mobilizazioek eta oposizio politikoak. Zentral nuklearraren itxierak, ordea, beste arazo larri batzuk sortuko ditu, eta horien aurrean hobe genuke erne ibiltzea. Zoritako zentrala eraisteko 20 urte beharko dira eta Vandellósekoak bikoitza beharko du. Adituen ustez Garoñarekin gauza bera egitea askoz gehiago kosta daiteke, bere diseinuaren ondorioz kutsatuago dagoelako. Hortaz, Garoñaren arrisku erradiaktiboak hamarkadatan segituko du bizirik. Horregatik da hain beharrezkoa zentrala eraisteko plan bat martxan jartzea lehenbailehen.
Garoñaren itxierak ia 300 lanpostu zuzen deuseztatzea dakar. Gobernuek eta erakunde espainiar nahiz euskaldunek berehala heldu beharko liokete inguru hartako ekonomia berraktibatzeko plan bati, lanpostu alternatiboak sortu eta herritarrak migratzera derrigorturik egon ez daitezen.
Beste arazo bat, eta ez txikiagoa, hondakin erradiaktiboen manipulazio eta pilatzearekin dator. Garoñaren kasuan 500 tona metriko dira. Zer egingo dugu hondakin horiekin? Espainian egin nahi zuten hondakin erradioaktiboentzako biltegiaren proiektua geldirik dago eta materiala garraiatzea oso garestia da. Agian, zentraletan "behin-behineko" biltegiak irekitzeko tentazioa izan dezakete agintariek. Garoña itxiko dute eta ez du energia nuklearrik produzituko, baina herritarrentzat oso kutsagarria eta arriskutsua izan daitekeen hondakin erradioaktiboentzako biltegi bihurtu dezakete. Adi beraz, hau ez da amaitu. Garoñak hor segitzen du. | news |
argia-08a59c3943d8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/ikasitakoa-partekatuz.html | Ikasitakoa partekatuz | Amaia Alvarez Uria | 2017-10-22 00:00:00 | Ikasitakoa partekatuz
Arantxa Urretabizkaiak dioenez hogei urte behar izan ditu idatzi nahi zuen lan hau papereratzeko. Eta ez da harritzekoa. Irun eta Hondarribiako alardeen gaiaz ari da bertan, "euskal gatazka" izendatu daitekeen gure tira-biretako batez. Tabu izateraino heltzen den horretaz.
Kronika, testigantza, saiakera eta autobiografia topa daitezke Bidean ikasia liburuan. Kazetaritzatik hartutako behatzaile (ahalik eta) objektibo(en)a dugu batzuetan, bere inguruan gertatzen ari dena deskribatu nahian, alarde parekiderako asmoa agertu zenetik egon den bilakaeraren berri emanez, angelu ugaritatik.
Honekin batera lekukotasun literarioa dugu, Hondarribiko herritar baten bizipenak kontatzen dizkiguna, alardearen inguruko emozioak eta ekintzak tartekatuz eta irakurlearen gogo eta azalean eraginez.
Euskadi Literatura Saria irabazi berri du lan honekin, "heldutasun betean errealitateari bere osotasunean begiratzen jakin duen idazlearen emaitza (delako)" eta "literaturaren helburua betetzen du; irakurlea asaldatu, laztandu eta gai batean argia egin". Egileak dio "gorrotorik gabe (idatzi dut), helburua ez delako mendekua, konponketa baizik". Hortaz, denok irakurtzeko modukoa dela uste dugu.
Liburu honetako ahots narratiboak kanpora eta barrura begiratzen du. Bere herrian gertatzen denaz aldarrikapena eta salaketa egiten ditu egoeraren deskribapen poliedrikoaren bidez, egia begirada desberdinen bilduma eginez lortzen baita. Baina honekin batera lehen pertsonako narrazioa dugu, bizitako esperientzia konpartitzen du irakurleokin, bere minak, pozak eta kezkak adieraziz.
Azken finean, gogoetarako proposamena egiten digu. Alardea deseraikiz irakurleekin gatazka honen irtenbidea eraikitzeko proposamena luzatuz. Eta eskerrak eman nahi dizkiogu hemendik egindako ahaleginagatik, tabu bati buruz hitz egitea ez delako samurra, eta are gutxiago gatazkaren muinetik.
Kontuan izan, "tabu" hitz polinesiarrak "debekatua" esan nahi duela, talde baten arabera onartezina den zerbait, ukitu ezin dena, arrotzat jotzen dena, hutsegite barkaezina, eta legeak zigortua izan daitekeena.
Eskerrik asko bidean ikasi duzuna gurekin partekatzeagatik, Arantxa, isilik geratu eta etxean gorde beharrean plazara ateratzeagatik. | news |
argia-23a03d92fc66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/linky-argindar-kontagailu-inteligenteak.html | Osagarria eta bizi pribatuaren errespetua zalantzan | Jenofa Berhokoirigoin | 2017-10-22 00:00:00 | Osagarria eta bizi pribatuaren errespetua zalantzan
Izan partikularren zein udalen partetik, Linky deitu argindar kontagailuaren aurkako jarrerak biderkatuz doaz Ipar Euskal Herrian. Bi kezka nagusi daude errefusaren oinarrian: batetik, dakarren bizi pribatuari buruzko informazio bilketa; bestetik, hedaturiko uhin elektromagnetikoen kaltegarritasuna.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, Linky kontagailuen instalazioa ez du uste bezain erraza Enedis enpresak. Kontagailu honen gibelean gordetzen dena ezaguturik, geroz eta gehiagok duelako errefusatzen. "Aldaketa handiak ahalbidetuko dituen Troiako Zaldia da Linky", dio kezkaturik José Lavictoire CADE elkarte ekologistako kideak.
Azalpen ofizialari fidatuz gero, "inteligente" kalifikatzailea gehitzen zaion kontagailu honek sinpletasuna ekarriko dio herritarrari, une oro zehatz-mehatz jakinen duelako zein heinetako argindar kontsumoa duen. Hori erranik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako etxe guztietako elektrizitate kontagailuak ordezkatzen dabil Enedis enpresa. Tarrapataka, 2021. urterako, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatu osoan, guztira 35 milioi Linky kontagailu inteligente instalatzeko kontratua lortu zuelako iaz.
Hauturik ez dela azaltzeko orduan, 2009ko uztailaren 13an Europako Parlamentuak bozkatu zuzentarau batean oinarritzen dira Enedis enpresaren ordezkariak. Elektrizitate horniduraren merkatuan parte hartzera behartzen ditu kontsumitzaileak lege horrek. Baina xehetasun bat isilean atxikitzen dute: gaur egungo kontagailuekin berdin-berdin bete dezaketela betebehar hori.
Sinpletasuna baino gehiago da, ordea, Linky. "Jendeak ez daki, Enedisek ez duelako informatzen. Baina jakinez gero, aurka kokatzen da herritarra", Lavictoiren hitzetan. Etxe jabe gisa errefusa adierazteko gutuna bidaliz Enedisi edota herriko kontseiluak Linkyren aurkako udal erabaki bat bozkatuz, trabak kausitzen dituzte teknikariek bidean.
Big Data osatuz
Bizi pribatuaren errespetu eza da kontra direnen arrazoietako bat. Hain zuzen, etenik gabe, norbanako bakoitzaren kontsumoari buruzko milioika datu batzen ditu Linky kontagailuak. Hots, Big Data datu base masiboa elikatzeko balioko dute 35 milioi kontagailuek. Funtsean, Lavictoirek ohartarazten duenez, hori da Linkyren betebehar nagusia: "Momentu oro jakinen dute zenbat elektrizitate eta zertarako kontsumitzen dugun".
José Lavictoire, CADE:
"Linkyren bidez une oro jakinen dute zenbat elektrizitate eta zertarako kontsumitzen dugun; datu horiek biziki interesgarriak dira industriarentzat"
Elektrizitate eskaintzak zerbitzu publikoarekin errimatzen zuen garaia iraganean galdurik da. Linky azaltzeko orduan, zehaztasun horrek garrantzi handia duela dio CADEko kideak. Hain zuzen, 2007an ireki zitzaion elektrizitatearen merkatua konkurrentziari, eta Frantziako EDF egitura publikoak argindar banaketa gestionatzeko ERDF sozietate anonimoa sortu zuen. Iaztik izenez aldaturik, gaur egun Enedis izena du enpresa horrek. Mundu mailako merkatu librean lehiakor izateko kontsumoari buruzko informazio ahal bezain zehatza ezinbestekoa dute enpresek.
"Datu horiek biziki interesgarriak dira industriarentzat, erosi nahiko dituzte eta salduko dizkiete, gure bizi pribatuaren errespetua zangopilatuz", dio Maite Etxeberria Ozazeko auzapezak. Linky kontagailuen instalazioaren aurka udal-erabaki bat bozkatu dutenen artean dago Zuberoko herrixka hori. Ironiaz dio: "Inteligente deitzen duten kontagailu hori jakintsua izanen da gure datu pertsonal guztiez jakinean izanen delako...".
Gainera, kontsumoa ahula den uneetan elektrizitatea gutxitu ala mozten ahalko dute, errekuperatu elektrizitate kantitatea merkatuan saldu ahal izateko.
Uhinek sortu kezka
Kontagailu hauek uhin elektromagnetiko bidez igortzen dituzte ordenagailu zentral batera etxe bateko kontsumo xehetasunak. Uhin horien kaltegarritasuna da Linky errefusatzeko beste arrazoietako bat. Hain zuzen, orain arte inork ez duelako frogatu uhin horiek osasunerako kaltegarriak ez direnik. Alderantziz, Munduko Osasun Erakundeak "minbizi sortzaile" izan daitezkeen osagaien artean sailkaturik ditu.
Dudak argitzeko, ikerketa independente bat exijitzen dabil Criirem, Frantzia mailako erradiazio elektromagnetikoei buruzko ikerketa zentroa. Eskaera berdina luzaturik dute aurkako jarrera hartzen duten udalek.
Errefusaren gainetik ari da Enedis
Egoiliarraren partetik errefusa edo zalantza kausituz gero, bide gogorrak erabili ohi dituzte teknikariek: larderia, beldurra, mehatxuak zein presioa. Etxean ez zeudela, baimenik eman gabe, kontagailua aldaturik atzeman dutenak ere ez dira gutxi. Funtsean, hamarnaka dira Enedisen aurkako salaketa jarri dutenak. Behartze hori onartezina dela argudiatuz, Linkyren instalazioari buruzko moratoria bozkatu zuen Baionako Kontseiluak iragan uztailaren 19an. Kontagailu berria ez instalatzeko eskubidearen errespetua eskatzen dio Enedisi Jean-René Etxegarai auzapezak.
2021erako Frantziako Estatu osoan 35 milioi Linky kontagailu ezartzeko kontratua du Enedis enpresak. (Arg.: ERDF)
Baiona ez da aurka kokatu den herri bakarra. Horien artean dira, besteak beste, irailaren 15ean Paueko Administrazio Auzitegira deituak ziren Ozaze, Hauze eta Iruri. Kontagailuen jabegoa herrien esku ez dela erranik, udalen errefusak baliogabetu ditu epaileak. "Zein da kontagailuen jabe? Hori izan da galdera. Baina jabe ez izan arren, zerbait gertatuz gero herriko etxea izango da erantzule. Gu horrek gaitu kezkatzen", dio Maite Etxeberriak. Linkyk ondorioztatzen dituen aldaketak ezaguturik, egitura publikoek arduraz aritzeko betebeharra dutela dio Ozazeko auzapezak.
Pirinio Atlantikoetako Energiaren Sindikatua da kontagailuen jabe. Linkyren aurka agertu ez bada ere, egoiliarrek adierazi errefusa errespetatzea eskaturik dio sindikatuak Enedis enpresari.
Ipar Euskal Herri Elkargoko ordezkariengana joko dute ondoko asteetan Linkyren aurkakoek. Lavictoirek dioenez, zerrendaturiko kezkez gain, zerbitzu publikoaren geroa delako mahai gainean. "Zerbitzu publikoa dago jokoan. Elektrizitatearentzat Linky dagoen gisara, Aquarius dago urarentzat eta Gazpar gasarentzat. Aldaketa horiek dakartenaz jakinean izan behar du Herri Elkargoak". | news |
argia-59409d88f3c3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/iragarpen-autobetea.html | Iragarpen autobetea | Ainhoa Azurmendi | 2017-10-22 00:00:00 | Iragarpen autobetea
Semaforo gorrian gelditu nintzen. Eskuin aldera begiratu eta atletismoko talde bat ikusi nuen entrenatzen: aurretik, korrikalari profesionalen antzera, eguzkitako betaurrekoak, galtza motxak eta elastiko iragazkorra jantzita, entrenatzailea bizpahiru mutikoez inguratuta. Atzetik, hainbat metroetara, bi neskatxa. Goitik behera behatu nituen erdi korrika eta erdi oinez zihoazen bi neska hankaluze eta atletikoak.
Nire lehen gogoeta jokabide horren zergatia antzematen saiatzea izan zen, kontuan hartuta begi-bistakoa zela neska horiek ez dituztela taldekide mutilen gaitasun fisiko gutxiago; eta nire lehen ondorioa, neska horiek gizarteko estereotipoak barneratuta haietaz espero dena egiten ari zirela.
Behin eta berriz entzuten dugu neska-mutilak berdintasunean hezteko eredu mistoa egokia dela, baita kirolean. Honen harian, hain zuzen, artikulu bat argitaratu berri du Jon Tornerrek ARGIAn . Nik neuk datuetan oinarritutako iritzia eman nuen, berdintasuna egon ezean, neska-mutilek bananduta parte hartzeko garrantzia defendatuz, eta emakumeek kirolean gorputzaren jabekuntza prozesu bat egitea ezinbestekoa dela adieraziz. Argi eta garbi ikusten dut hori haur gehienek egiten dituzten taldeko kiroletan; eta beste kirol jardueretan sexu biek elkarrekin parte hartzeko egokitasuna onartzen dut, betiere, hezkidetza bermatzen bada. Artikulu berean, Itsaso Nabaskuesek eskola kirolean "kirol tipiko" horiek ez diren eta neska-mutilek elkarrekin egiten dituzten "aisialdiko" beste adibideak ekartzen ditu, hain zuzen, izotz hockeya edo atletismoa.
Azken batean, ez da jarduera bera egokia edo ezegokia dena, jarduera hori egiten den modua baizik. Egia da gizartean gehien baloratu diren kirolak tradizioz gizonen eremu izan direla, eta ondorioz, gizonak izan direla arlo honetan jakitunak eta trebeziak bereganatzeko aukera gehien izan dutenak. Honek eragina izan du neska-mutilen arteko elkarrekintzan, eta aipatu artikuluan esaten zen moduan, neskek protagonismo eta iniziatiba jokabide gutxiago azaltzen dituzte. Baina kirol arloa gizartearen ispilu da, eta gizarteko desberdintasunak kirol arloan islatzen dira, nabarmenki batzuetan, sotilago besteetan.
Beraz, ezin pentsa genezake berdintasuna sustatzeko nahikoa dela eskaintza aldatzea; arazoa estrukturala da, eta hala eman behar zaio erantzuna. Ziur nago egun korrika egiteko sortzen ari diren emakumezkoen taldeetako partaideek, jabekuntza prozesua bizi baino lehen, semaforo ondotik pasa ziren bi neskatila horien erantzun bera emango lidaketela mutilekin entrenatzeko esperientziari buruz. | news |
argia-326b10f3d961 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/eskola-ordenatuak.html | Eskola ordenatuak | Ruben Sanchez Bakaikoa | 2017-10-22 00:00:00 | Eskola ordenatuak
Entzun nuen behin txiste (nire ustez) arrazista bat. Lagun batek besteari arrazista izatea leporaturik, hark erantzuten zion: "Ez, ez, ni ez naun arrazista, ni ordenatua naun, beltzak beltzekin, zuriak zuriekin...". Parentesi artean jarri dut "nire ustez", izan ere, txiste hori arrazista bada, zer dira gure eskolak arrazistak ala ordenatuak?
Gasteizen maiz salatu dugu eskola-segregazioa, iaz lau eskoletan etorkinen seme-alaben kopurua %80 baino altuagoa zen, hogeietan %30 baino altuagoa. Bat izan ezik, denak publikoak. Hurrengo urteetan haziko dira portzentaje ordenatuak, izan ere, eskola batean ikusten denean ume koloretsuak sartzen hasi direla, urte gutxiren buruan pasatzen da eskola "normal" bat izatetik ghetto-eskola bat izatera. Arduradunak Hezkuntza Saila, gurasoak eta eskola sistema bera dira.
Izan ere, arazoa aspalditik dator, eta ez da soilik Gasteizko gauza arraro bat. Esango nuke eskola bat baino gehiago dauden herri guztietan dagoela. Gurasook dauden aukeren artean hautatu behar dugu: publiko ala kontzertatu, kristau ala laiko, euskara gehiago ala gutxiago, abertzaleago ala Waldorf hezkuntza, Montessori metodoa ala anarkista. Txikitatik nor bere bandokoa da.
Gaur egun, eskola-segregazioa salatzen dugunean, ez da hainbeste egoera aldatu dela, baizik eta heldu diren azken etorkinen umeen koloreek agerian utzi dituztela eskola-sistemako bandokeria eta klasismoa berriz ere
Nik A ereduko kristau eskola batean ikasi nuen. 50 metrora A ereduko eskola publikoa zegoen, (arlote batzuk, gaiztoagoak eta batez beste beltzaranagoak). Gasteizko "onena" hala ere, igerileku eta polikiroldegia zeuzkan ikastola bat zen. Umeok ez ginen asko nahasten, eta eskolatik kanpo ere, adibidez, bakoitzak gure igerilekua genuen: aberatsenek La Peña, gero Estadio, ondoren Mendizorrotza, azkenik Gamarra (hango urak uherrago). Ba omen ziren batzuk igerilekura joaten ez zirenak.
Gaur egun eskola-segregazioa salatzen dugunean, ez da hainbeste egoera aldatu dela, baizik eta heldu diren azken etorkinen umeen koloreek agerian utzi dituztela eskola-sistemako bandokeria eta klasismoa berriz ere.
Islandia aipatzen hitzez betetzen zaigu ahoa. Baina benetan nork nahi du eredu bakarreko eskola sistema bat eta %99 publiko?
Indarrean dagoen eskola aukera herri honen historiaren ondorio da: eskola kristauak, frankismo sasoian euskaraz ikasi ahal izateko sortu ziren ikastolak, eskola "nazionalak", kooperatibak, irakaskuntza "libre"koak.
Nork berea defendatzen jarraitu ahal dugu ala gizarte osoa modu inklusibo, laiko, publiko eta euskalduntzen duen eredu baten bila joan.
Nik ez dakit, azken batean, euskaldunak jende noble, langile, lagunen lagun... eta ordenatuak gara. n | news |
argia-f89f330424ca | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/kaxubiarrak.html | Ikastolak izan ditu eredu lehen kaxubiera eskolak | Miel Anjel Elustondo | 2017-10-22 00:00:00 | Ikastolak izan ditu eredu lehen kaxubiera eskolak
Badakigu non den Polonia, baina ez zer den kaxubiera. Hala ere, Euskal Herriarekin izandako hiru urteko harremanaren ondorio da eskola, eta horrexen berri eman digu Garabide Elkarteko lankide Maialen Sobrinok (Elizondo, 1988). Bost urte egina da Polonian, lau Varsovian, bat Poznan-en.
Euskal Herrira etorri ziren kaxubiarrak.
2015eko Aste Saindu inguruan hurbildu ziren lehendabiziko aldiz. Baztan ikastolarat etorri zen seikote bat, tartean bi guraso bere semearekin. Korrika urtea zen eta Bilbon egon ziren bukaera bestan; harrituak gelditu ziren. Lehenbiziko kontaktu horretatik bueltatu orduko Korrika etxekotu zuten eta aurten bigarren aldiz egin dute. Kaxubiarren dimentsioa du, ez hemengoa, baina ekimenaren funtsa etxekotu dute. Urte berean, Nafarroa Oinez baino lehen etorri ziren bigarren aldiz eta ikastolaren funtzionamendua ezagutu ahal izan zuten. Hor gauza interesgarri bat gertatu zen. Gurasoak bileran ziren bitartean, haurra ikasgelara sartu zuten. Han egon zen bertze haur guziekin, eta gero, etxerako bidean Kaxubiako haurrak bota zuen: "Aita, eta guk zertaz ez dugu horrelako eskolarik?". Galdera sinplea, baina erantzuna zaila.
Eskola ireki dutela esan duzu.
Irailaren 4an. Ez da deusetik sortua. Hezkuntza proiektua lantzen hasi ziren lehenbizi. Kaxubieraz irakatsi nahi zuten, baina baliabideak zein zituzten ere aztertu beharra zuten. Hizkuntzarekin batera, hezkuntza eredu alternatibo eta propioa osatu nahi zuten. Oraintxe Polonian hezkuntza erreforma handi bat egiten ari dira, eta jende anitz ez dago batere ados hartu diren neurriekin. Hortaz, guraso anitz abiatu dira eskola eredu berri bila, publikotik aterata. "Hauxe da gure aukera!", pentsatu zuten kaxubiarrek, "pentsa dezagun zer dugun eta zer nahi dugun". Kanadako eredua, Europa iparraldeko herrialdeetakoak, ikastolak… pixka bat eskura zituztenak aztertu zituzten.
Zein eredu landu dute?
Hiru ardatz ditu. Batetik, hizkuntza; lehenengo aldiz irakasten da kaxubieraz eta bertze hizkuntzekiko jarrera ere inklusiboa da. Bertzetik, IKTen erabileraren alde egin dute, paperik ez baina chromebook-ak erabiltzen dituzte; sarean lan egin ahal izateko, bertzeak bertze. Azkenik, gaitasun komunikatiboen lanketa berezia egiten dute; adibidez, irrati-estudio bat dute eskolan, haurrek irratigintza landu eta ikasi dutena aplika dezaten. Kaszebsko Jednota –Kaxubiarren Batasuna, alegia– izeneko elkarteko zenbait eragilek abiatu zuten proiektua eta eskola eredu berria elkartekideei aurkeztu zietelarik uste baino harrera hobea jaso zuten, baita gizartera zabaldu zutelarik ere.
Aurrera egin zuten, hortaz.
Bai. Ikasgaiak zehaztu zituzten, irakasleak aurkitu eta bertze hamaika lan, tartean altzari denda bat zaharberritu eskola bihurtzeko. Non jarri ere erabaki zuten, garrantzizkoa baita hori. Administrazio hiriburua da Gdansk –Gdùnsk, kaxubieraz–, hiri handi bat, non kaxubieraren erabilera ez den arras handia. Hortaz, eskola Wejherowo-n irekitzea erabaki zuten, erraten baitute herri horretan dela kaxubiarren arima, erabilera ere hortxe bizienik, eta geografikoki ere Kaxubia erdian.
Kaxubierak zenbateko presentzia izango du?
Poloniera, hizkuntza gisa, astean bortz orduz ematea eskatzen die legeak. Beraiek, orduan, kaxubiera bertze bortz orduz ematea erabaki dute, bi hizkuntzak parekatzeko asmotan. Eredu publikoan, kaxubiera hautazkoa da eta astean hiru orduz ematen dute. Hortaz, bada aldea. Gainerako gaiei dagokienez, aurten informatika, ingurumena, musika eta plastika emanen dira kaxubieraz, ikasgaien %50. Irakasleei dagokienez, %80 kaxubiera hiztuna da, eta gainerakoek kaxubieraz ikasteko konpromisoa hartua dute, eta horretarako programa ere abiarazia dute.
Kaxubiera irakasteko lehen eskola. Argazkia: Garabidek utzia.
Zenbat dira kaxubiera hiztunak?
108.000 kaxubiera hiztun daude. Aldiz, kaxubiar gisa beren burua identifikatzen dutenak 250.000 dira. Eskualde berean daude denak, Pomeranian. Erbesteratuen komunitate bat badute Kanadan, bigarren edo hirugarren belaunaldikoa, eta kaxubiera eskolak ere ematen dituzte han. Bertzalde, kontuan hartzea merezi duen afera bat: kaxubiera hizkuntza eslaviarra da, polonieratik ez urrun, katalana gaztelaniatik bezain urrun, errateko. Hori dute alde eta kontra. Kontra, orain artean dialektotzat jo izan dutelako. Alde, ikasteko garaian erraztasuna dakarrelako.
Zein da eskola abiarazi duten kaxubiarren helburua?
Eskolaren bidez hizkuntza komunitatea indartzea. Eskolara hurbildu dira kaxubiera hiztunak ez ziren familiak –guraso, haur eta irakasle–, eta horien bidez komunitatea sendotzea da beraien nahia. Han izan ginelarik, irailaren hasieran, hogei ikasle ziren. Bada, 30 ziren hilaren hondarrean, Polonian iraila osoan irekia baitago matrikulazioa. Lehen Hezkuntzako eskaintza dute, 5 urtetik 12 urte artio, hiru gelatan banatuak, zikloka, gure herrietako anitz eskolatan den gisan. Nabarmentzekoa da egin duten lanari esker lortu dutela 2018ko urtarriletik aitzin eskola sare publikoan sartzea.
Zenbaterainoko presentzia du kaxubierak Polonian?
Varsovian edo Poznanen bizi nintzelarik, minoriei buruz galdetzen nuelarik, gehienek Polonia herrialde homogeneoa dela erraten zuten, denak zuriak, denak katolikoak… estereotipoak! Akaso, silesiarrei buruz solastatzen ziren. Inork ez zizkidan kaxubiarrak aipatzen. Nik erraten nuelarik, orduan, "Eta kaxubiarrak?", beraiek "Zaharrak dira… Dialekto bat da… Galtzen ari da…" gisako erantzunak jasotzen nituen. Aldiz, hizkuntza gisa onartua den bakarra Polonian, kaxubiera duzu, 2005ean lortu zuten aitorpena. Horri esker, udalek diru-laguntzak dituzte eskoletan kaxubiera irakasteko, bide-seinaleak bi hizkuntzetan jartzeko eta bertze. Ez da gure ofizialtasunaren gisakoa, baina urrats bat da.
Erabileraren gainean zer datu dira?
Wejherowo-n %25ekoa da erabilera. Periferian, %10. Hala ere, zail da neurtzen, hiztun pasibo anitz baitago, ulertzen bai baina solastatzen ez dutenak. Familia anitzetan pasatzen da zaharrek kaxubiera solastatzen badakitela, baina ez bertzeek. Eta eskolan hiru orduko eskolak emanez... Bi belaunalditan galtzen ahal da hizkuntza.
Galtzeko perilean da kaxubiera?
Euskara galtzeko arriskuan dago? Ez... edo Nafarroako toki batzuetan segurik bai, adibidez. Perspektiba zein den. Uste dut hondar hamarkadan Kaxubiarren Batasuna elkartean eta Radio Kaszebe irratian egin duten lanak –150.000 entzule ditu, polonieraz eta kaxubieraz egiten du–, kontzientzia hauspotu duela. Adibidez, maketa-lehiaketa idurikoa egiten dute urtero eta kaxubierazko lanen liburutegi ibiltaria dute, bertzeak bertze. Arriskuak ere badira, hala ere…
Zer esan nahi duzu?
Anitzendako kaxubiar izateak ez du ikustekorik hizkuntzarekin. Errateko, Poloniako lehen ministro ohi Donald Tusk kaxubiarra da, eta kaxubiar elkarte handieneko kide, baina hizkuntzaren aldeko ekimenetan ez dute interesik, folklorean soilik. Hor da talka. Dena den, oztopoen bertze aldean beti daude aukerak. | news |
argia-f188541ae562 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/landa-lurrak-berreskuratzeko-lanean-goierri-garaian.html | Landa lurrak berreskuratzeko lanean Goierri Garaian | Garazi Zabaleta | 2017-10-22 00:00:00 | Landa lurrak berreskuratzeko lanean Goierri Garaian
Zer berri gure herrietako landa eremuan? izenburupean jardunaldiak egin dituzte irailean eta urrian Goierri Garaiko zazpi herritan. Eskualdeko landa lurren eta nekazaritzaren egoera aztertu du Ambientalia21 ingurumen aholkularitzak, udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Goimen Goierriko Landa Garapenerako Elkarteak koordinatuta. "Nekazaritzak gure gizartean duen papera, gure lurren egoera edota elikaduraren aldetik gure herriek duten autonomia maila aztertzeko lanketa egin da", azaldu digu Manex Aranburu Goimeneko teknikariak.
Landa lurrak beren ahaletik behera, eta asko erabili gabe
Lurraren sailkapena egin dute diagnostikoan, erabileraren arabera: baratze lurrak, fruitu-arboletarakoak, basorakoak edota abeltzaintzarako erabiltzen direnak. Eskualdeak 11.000 hektareako lur azalera hartzen du, eta %95 landa eremua da. Baina barazki lurrek eta soroek zati oso txikia hartzen dute. Zer dela eta? Bada, lur askok jabetza pribatua dute, eta jabeek ez dute hura lantzen. "Lehen aldia da historian natur baliabideak izanda, lurra kasu, horiek aktiboan jarri gabe dituguna, erabilerarik eman gabe", dio Aranburuk.
Oinordetzan jasotako lurrak dira horietako asko, jabeek saltzeko inongo asmorik ez dutenak. "Sentsibilizazio lanean ari gara. Jardunaldiak egin ditugu eskualdean lurraren funtzio sozialarekin lotuak, herritarrei adierazteko zenbateko eragina duen paisaiak, lurrak eta lurrarekin egiten dugunak".
Bitartean, tokiko elikagaien eskaerak gora
Lehenagotik eskualdean martxan zuten "Bertatik bertara" proiektuarekin, herritarren tokiko produktuak eta garaian garaikoak kontsumitzeko ohitura handitzen ari zirela ikusi zuten. Zabaltzen ari den eskaera horri erantzuna ematea, ordea, zail dagoela azaldu digu Goimeneko teknikariak, nekazaritzan hasi nahi duten gazte askok lurrak lortzeko zailtasunak dituztelako, besteak beste.
Hori dela eta, lurjabeen eta baserritik bizi nahi dutenen artean formula berriak bilatzea da gakoa, teknikariaren ustez: maiztertza bidezko akordioak lortzea, adibidez. "Azken urteetan nekazaritzaren joera beheranzkoa izan da, eta zerbait egiten ez badugu lur pila bat libre, abandonatuta, dauden eszenategian aurkituko gara", dio. Egoera horri aurre hartzea da ideia, eta horretarako alde guztiek egin beharko dute lanketa: lurjabeek, nekazariek, kontsumitzaileek, nekazaritza erakundeek nahiz instituzioek. | news |
argia-85a55025ce7c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/escuela-de-oficios-electrosonoros.html | "Elektronikaz aritu nahi dugu kantak sortzera deituak sentitzen ez direnekin" | Kepa Matxain | 2017-10-22 00:00:00 | "Elektronikaz aritu nahi dugu kantak sortzera deituak sentitzen ez direnekin"
Mila modutara diseina daiteke elektronikari buruzko tailer bat. Irakats dezakezu ohiko softwarea erabiltzen, edo behar dituzun tresnak zuk zeuk sortzen. Muga zaitezke teknika hutsera, edo jar ditzakezu soinuak testuinguruan. Bere horretan onar dezakezu elektronikaren historia, edo saia zaitezke ertzeko ahotsak erdiguneratzen. Ohiko gidaliburuetatik haragoko ikuspegiak irakasten saiatzen dira Madrilgo Escuela de Oficios Electrosonoros proiektuko kideak.
Elkarren osagarritzat dute beren burua Jesús Jarak eta Patricia Raijensteinek. Musika informatikoa ikasketak egin zituen aurrenekoak Alemanian, eta handik bueltan ohartu zen kasik ez zegoela musika elektronikoa egiten irakasten zen tailerrik. Orduan otu zitzaion Escuela de Oficios Electrosonoros sortzea. "Izenak aditzera eman nahi du lantzen ditugula teknologia, soinua eta elektronika, baina ez garela dantzarako musika egiten duen DJ eskola soilik. Era berean, ofizio hitzak badu konnotazio popular bat, edonorentzat ulergarria den zerbaiti egiten dio keinu". Proiektua diseinatzerakoan Raijensteinekin jarri zen harremanetan, eta hark gehitu zituen beste geruza batzuk, generoarena edota arte-hezkuntzarena, esaterako. Bien artean, ertz askotako ikastaro bat osatu dute.
Zer dela eta sortu zenuten halako ikastaro bat?
Jesús Jara: Elektronikaren historia aztertzen hasi bezain pronto ohartzen zara: inon ez da emakumerik ageri. Gure ikastaroan akats berbera egitea barkaezina litzatekeenez, erabaki genuen emakumeak erdigunean jartzea. Hortaz, teknologia erabiliz musika egiten irakasten dugu, baina elektronikaren garapenean giltzarri izan diren emakumeen lanetan oinarrituz. "Aitzindari" izendatu ditugun sei emakumeren bizitza kontatzen dugu, azalduz zergatik izan ziren hain garrantzitsuak, ze ekarpen egin zuten…
Patricia Raijenstein: Historia ofizialean tokirik ez duten beste historia horiek azaleratu nahi ditugu, jende asko sentitzen delako horiekin identifikatuta, eta balio dielako ahalduntzeko. Emakume aitzindari mordoa dago, baina oraingoz sei hartu ditugu oinarri. Pauline Oliverosek, adibidez, asmatu zuen deep listening kontzeptua, oso interesgarria musikari ez direnentzat ere, entzuteaz hitz egiten duelako, soinua desnaturalizatuz. Hortik tonalitate aukera berriak sortzen dira elektronikarako, bat-batean beste era batera entzuten ikasten duzu. Aipatzekoa da Wendy Carlos ere, A Clockwork Orange filmeko soinu banda egin zuena, musika klasiko tradizionala sintetizadoreekin nahasiz.
J. Jara: Edo Sister Rosetta Tharpe, esaterako. Rock'n'roll-aren aitzindaria eta, gainera, beltza.
P. Raijenstein: Beste bat da Delia Derbyshire, musikari zoragarria, Dr. Who telesailaren introa egin zuena, soinuak zinta magnetikoarekin modelatuz. Edo Bebe Barron, bere senar Luis Barronek eraikitako makinekin konposatzen zuena.
Eskulanari ere garrantzia ematen diozue. Oinarrizko sintetizadoreak egiten irakasten duzue ikastaroan.
J. Jara: Eszena elektronikoan musikariaren irudi jakin bat gailentzen da: gizona, mendebaldarra, zuria, heteroa eta batere disfuntziorik gabea. Erabiltzen diren tresnak, ia beti, software pribatuz eginak izaten dira, garestiak, askorentzat eskuraezinak. Eta inor gutxik egiten du lan modu gardenean, egiten duen hori egitera nola ailegatu den azalduz. Eredu horren aurkakoa aldarrikatzen dugu. Egin itzazu zuk zeuk zeure tresnak, eta esperimentazioa izan dadila musika elektronikoa sortzeko prozesuaren zati bat gehiago.
Jesús Jara:
"Maila guztietan ikasi behar dugu entzuten, begira bestela Trump eta Katalunia-Madril harremana"
P. Raijenstein: Ideia horiek interesatzen zaizkigu: Do It Yourself -a, norbera ahalduntzea… Teknologiarekin aritzean, oinarrizkoa da jakitea beti iritsiko dela frustrazio une bat, baina ingurukoekin elkarbanatuz horri aurre egin dakiokela. Huts egitea esperimentatzeko eta beste toki batzuetara iristeko modu bat da. Oso ederra da akatsa, hortik uler daitekeelako musika solfeotik edo akademiatik sekula ulertzen ez den moduan. Nahiago dugu intuizioz eta elkar lagunduz ikasi, muturreko exijentzian edo zigorrean oinarrituz baino. Era berean, dikotomiak hautsi nahi ditugu: gorputza eta adimena, adituak eta amateurrak, gizonak eta emakumeak, teoria eta praktika…
Zuei entzunez oroitu naiz Europe in 8 bits dokumentalaz. Bertan azaltzen dira Europako hainbat musikari, tramankuluak birziklatuz instrumentuak eraiki eta garai bateko bideokontsolen tankerako chiptunes -ak sortzen dituztenak.
P. Raijenstein: Ez da Europako mugimendua soilik. Hego Amerikan –Kolonbian, adibidez– sekulako zarata eszena dago, oso poetikoa dena, bidenabar. Izugarri interesatzen zait teknologiaren ikuspegi poetikoa, pentsamendu zientifiko zehatz bat izan arren, ingurukoekin erlazionatzeko aukera berriak sortzen dituelako.
J. Jara: Corazón de Robota artista txiletarrak aipatu izan du inoiz korronte artistikoz gainezka dagoela mundua, eta orain inoiz baino baliotsuagoa dela musika egiteko modu propio bat topatzea. Gure ildoak bat egiten du ideia horrekin. Ez dugu elektronika irakasten Ableton Live aplikazioa erabiliz, tresnak berak gauza asko baldintzatzen dituelako: teknologia jakin bat erostea, diru bat gastatzea… Aldiz, behar duzuna zuk zeuk fabrikatzen baduzu, ziur asko errazago topatuko zure ahots propio hori, gainontzekoen desberdina.
P. Raijenstein: Ziur asko ikastaroan parte hartzen duten guztiek ez dute musika egiten amaituko, baina bidean forma berriak aurkituko dituzte. Eta oinarrizko beste kontu bat: entzutea. Ikus-entzunezko mundu batean bizi gara, eta oso interesgarria da ikuspegi bisuala, baina agian arreta gehiago jarri behar genioke geure burua eta ingurukoak entzuteari.
Ikastaroko lehen ariketa inguruko soinuak entzutea izan da, oker ez banabil. Ze lotura dago entzunaldi aktiboaren eta musika elektronikoaren artean?
J. Jara: Maila guztietan ikasi behar dugu entzuten. Begira, bestela, Donald Trumpi, edota Kataluniari eta Madrili. Arlo artistikoan, berdin. Adimena eta belarriak ireki behar ditugu iristen zaizkigun soinuak aurrez ez epaitzeko. Madrilen gazteekin egiten ditugun tailerretan, mila bider entzun dituzten pop kanten mashup bat jartzen diegu, preseski kontura daitezen ez direla musika entzuten aritu, letra baizik. Ez diete inoiz erreparatu halako kantetan dagoen soinu aberastasunari. Ikastaroen hasieran egiten ditugun entzunaldi aktibo ariketak ere ildo horretan doaz. Adimena irekitzen digute, eta entzun ohi ez ditugun soinuak entzuten hasten gara: batzuk zaratatsuagoak, besteak biziagoak, zorrotzagoak… Rihannaren produkzio neurtu eta kalkulatu batean sekula aurki ezin daitezkeen soinuak.
P. Raijenstein: Inguratzen gaituzten soinuak aintzat hartzen ikastea da gakoa. Entzute ariketek laguntzen dute inguruko soinu paisaia hobeto ezagutzen, inoiz erreparatu gabeko erritmoak aurkitzen, hirietako ekologia akustikoa baloratzen… Eta, noski, ustez publiko kultuarentzat diren musika piezak hobeto balioesten.
Entzunaldi aktiboa, ekologia akustikoa… musika irakaskuntza konbentzionalean gutxitan aipatzen diren kontzeptuak dira.
J. Jara: Kontserbatorioan, entzutea da tresna bat, interpretatzen ari zaren pieza hobeto ulertzeko. Dena da interpretazioaren menpeko. Aldiz, Pauline Oliverosek proposatzen du entzulea ere obraren zati dela, hura entzuten ari denez gero. Entzutearen kontzeptu hori interpretaziotik harago doa. Eta musika tradizionalaren markotik ateratzen bagara, zer esanik ez, ez dago inon hezkuntza arautu edo ez arauturik behartzen zaituena tren baten soinua entzutera, edo hiri batena, salbu eta R. Murray Schaferrek egindako esperimentu batzuk.
Patricia Raijenstein: "Hezkuntza eredua da sakoneko arazoa eta ez bakarrik musikan"
P. Raijenstein: Tira, Oliverosek berak ere egin du zerbait. Baina sakoneko arazoa hezkuntza eredua da. Ikasleek derrigor entzun behar diote irakasleari, baina ez alderantziz. Hezkuntza hierarkiko eta pasibo hori ikasleenganako errespetu falta izugarria da. Gu aktibismotik eta hezkuntza garaikide berritzailetik gatoz, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu ikasleari entzutea. Ikasgela batean egon daitekeen informazioa oso anitza da. Guk daukagu informazio jakin bat, ikasle bakoitzak dauka beste bat, oso baliotsua, eta sekulako pena litzateke hori galtzea guk gehiago hitz egin behar hutsagatik. Parte hartzaile guztiei entzunez asko aberasten dira eskolak, ñabardura askoz gehiago hartzen dituzte. Bloke estatiko huts beharrean, zerbait moldagarriago bihurtzen dira.
Sarri lotu izan da musika elektronikoa gau giroarekin eta drogekin. Alegia, entretenimendu hutsarekin. Aurreiritzi horri aurka egin nahi diozue?
J. Jara: Erabat. Proiektuaren funtsa da musika elektronikoa denentzat ahalik eta eskuragarrien egitea, kultura den heinean eskubide unibertsal bat delako. Elektronikaren historia egiten denean ere garrantzitsua da ikuspegi hori: gau batez diskoteka batean jende multzo bat bildu eta zerbait berritzailea egiteko elkartu baziren, hori herri honetako musikaren historiako parte da, eta kultur gertakari bezala ulertu behar da, ez soilik desfasatu batzuek ondo pasatzeko egindako zerbait bezala.
P. Raijenstein: Elektronika kultura garaikidea da. Gero egia da ertz asko dituela kontuak, ze adibidez, LGTBQ komunitatean lotzen da musika elektronikoa gau giroarekin, identitatea eraikitzeko tresna bezala ulertzen dute.
Argazkia: Dani Blanco.
Elektronikak Euskal Herrian arrakasta hain berantiarra zergatik izan duen aztertzeak tesi baterako ematen du. Berez daukan estigmak beste konnotazio batzuk hartzen ditu gatazka egoera batean.
P. Raijenstein: Hemengo elektronika eszenaz ditudan oroitzapenak dira oso giro underground batekoak. "La Ruta del Bacalao"-rekin gertatu zen antzerako zerbait. Soinu aldetik mugimendu interesgarria izan zen, baina pixkanaka masifikatu eta estigmatizatu egin zen. Jendea guztiz drogatuta joan ohi zen diskoteka batetik bestera kotxez, eta noski, asko hil ziren errepidean. Hor sortu ziren Chimo Bayo bezalako ikonoak. Batzuentzat jeinu bat da, eta besteentzat kontrakoa. Baina giro hartan Kraftwerken eragin handia zegoen, adibidez. Eta aztertzen baduzu ikuspegi artistiko batetik, drogen auziaz harago, soinu oso interesgarriak sortu ziren, eta baita espazio komunitario oso sendoak ere.
Ze asmo duzue aurrerantzean?
J. Jara: Genero ikuspegitik abiatzen gara, baina aniztasuna bilatzen dugunez, baditugu ildo gehiago ere. LGTBQ komunitatean musika elektronikoa nola garatu den aztertzen ari gara, eta nola, neurri batean, elektronika jatorritik bertatik dagokien, Chicagoko lehen klubetan ibiltzen ziren beltz gay haiengatik. Era berean, aniztasun funtzionala duten pertsonengana gerturatu nahi dugu elektronika, eta emakume aitzindariak aurkitu ditugun bezala, eredutzat balioko dieten beste aitzindari batzuk topatu. Azken batean, elektronikaz aritu nahi dugu kantak sortzera deitua sentitzen ez den jende horrekin.
P. Raijenstein: Kulturak, musikak eta historiak identitateak sortzen ditu, izateko aukera berriak. Beraz, musika elektronikoaren historian genealogia berriak sortzea aukera bat da identitate anitzagoak sortzeko.
J. Jara: Madrilgo Casa Áraberekin ere jarri gara harremanetan, badaukagulako gogoa Europatik eta AEBetatik haragoko erreferenteak topatzeko, mendebaldeko kulturatik kanpoko jendearekin lan egiteko. Anbizio gutxiagorekin eta errespetu gehiagorekin gerturatu beharra daukagu. Aztertuko ditugu musika elektronikoaren ze adierazpide daude herrialde arabiarretan, eta ea ze antzekotasun dituzten Europakoekin. Badakigu, feminismoaren auzian adibidez, ezingo garela gure eskema mendebaldarrekin joan.
P. Raijenstein: Mundu arabiarra oso dago estigmatizatuta eta estereotipatuta. Feminista arabiar batzuk gehiago aztertu behar ditugu. Inoiz baino gehiago, entzutea dagokigu, hitzaren zentzurik zabalenean. | news |
argia-36cfca5f147e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2571/espainiaz.html | Espainiaz | Estitxu Garai Artetxe | 2017-10-22 00:00:00 | Espainiaz
Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Eta kateatu zaituen horrek aske zarela esango dizu alde egiten saiatzen zaren arte. Baten bati zalantza izpirik geratzen bazitzaion, Kataluniako aferak argi utzi du Espainia ezker-eskuin zer den.
Eskuin. Espainian ez du eskuinak agintzen, Espainian muturreko eskumak agintzen du. Francoren espirituak kuku egin digu berriz ere azken asteetan. Diktadurako errifleen berunez egin zen konstituzioaren moldea, eta molde hori da herriak lotu eta manu militari -a demokraziaz mozorrotzeko baliatzen dena. Nazionalismo kolonizatzaile eta autoritario atzerakoienak hartu ditu Espainiako hiriburuak. Egia aitortzera, irudiek beldurra ematen dute.
Puigdemontek ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte
Ezker. Espainiako batasuna tarteko dela, Espainian ez dago ezkerrik. Herrien determinazio librea onartzen ez duen artean eskuinaren erritmoan dantzan arituko baita. Kataluniako independentziarako prozesuak zerbait erakutsi badu, hauxe da: Espainiako Estatuan, gaur gaurkoz, halabeharrez, aske izateko bidea aldebakarrekoa izan behar da edo ez da izango. Espainiako Gobernua eta errealitate soziologikoa zein diren aintzat hartuta, negoziatutako irtenbide bat aldarrikatzea ezer ez egiteko esatearen parekoa da. Gainera, elkartasuna ez adierazteaz gain, subiranotasuna berreskuratzeko lanean dagoen herri bati zilegitasuna kentzen ahalegindu dira, eskuinak gidatutako nazio-estatuaren ideia kolonial bera partekatzen dutenaren seinale. Besteak beste, ustez ezkerreko diskurtsoa darabilen La Sexta telebista kateak Intereconomía dirudi Kataluniako gaiak jorratzerakoan. Besterik ezin zitekeen espero Planeta Taldearen menpe dagoen kate batengandik, pozik egongo da Jose Manuel Lara fundatzailea, bando frankistan borrokatu zen hori berori. 1978ko erregimena lotzen duten kateak dira Espainiako telebista kateak.
Deskribatutako Espainia beldurgarri horretan, Carles Puigdemont presidenteak erreferendumaren emaitzak onartu eta herritarren mandatua bere egin du Katalunia errepublika independente bihurtzeko. Hala ere, ez du espero zen errepublikaren aldarrikapenik egin, independentzia deklarazioaren ondorioak atzeratzea eta elkarrizketari azken aukera ematea hobetsi baitu. Nazioarteari begira prozesuari zilegitasun osoa emateko balio badu, ondo etorria izan dadila erabakia, baina arriskuak ere nabarmenak dira eta urratsak arin eman beharko dituzte. Estrategia inteligentea izan daitekeen arren, iritsi diren tokira iritsi badira Espainiako Gobernu eta epaileen esanei muzin egin eta Kataluniako herriaren arabera euren kasa aurrera egin dutelako izan da. Aldebiko irtenbide bat, zaila eta ia ezinezkoa izanik ere, aldebakarreko bidea muturrera eramatearen ondorioz soilik gerta daiteke. Espainiak badaki ez daukala zer eskaini Kataluniak demokratikoki bertan geratzea erabaki dezan. Errepresioa eta beldurra dira ezagutzen duten hizkuntza bakarra, elebakarrak dira horretan ere.
Kataluniako herriak independentziara abiatutako bide zirraragarri honen kapitulu asko falta zaizkigu ikusteko, baina, zalantzarik gabe, 78ko erregimenaren bukaeraren atarian egon gaitezke eta horrek bide bat zabaltzen digu "euskal erditarroi". Badirudi, ordea, behiak trenari bezala so gaudela. Espainian bizitzea jada jasangaitza bada, imajina dezagun Katalunia gabeko Espainiako Estatua. Bada, pairatu nahi ez badugu, guk ere mugitzen hasi beharko dugu, kateak sentitzeko bada ere. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.