id
stringlengths
17
47
source
stringclasses
54 values
license
stringclasses
15 values
lang
stringclasses
1 value
url
stringlengths
17
329
title
stringlengths
0
653
author
stringlengths
0
499
date
stringlengths
4
20
text
stringlengths
20
2.08M
domain
stringclasses
7 values
argia-76942a27ded8
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/zabaltegik-berriz-aurkitu-du-bere-bidea.html
Zabaltegik berriz aurkitu du bere bidea
Gorka Bereziartua Mitxelena
2017-09-03 00:00:00
Zabaltegik berriz aurkitu du bere bidea Bere izaera berreskuratzeko lanean ari da Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi saila, zenbait urtez beste jaialdietan nabarmendutako perlekin espazioa konpartitzearen eraginez apur bat desitxuratuta geratu ondoren. Bide zinematografiko berriak bilatzen dituzten filmetan fokua jarrita, eta Tabakaleran egoitza hartuta, iazko Zinemaldian argi geratu zen apustu arriskutsuak egiteko prest dagoela Donostia sail horretan –Lav Díazen Hele Sa Hiwagang Hapis programatu zuten besteak beste, 8 orduko metrajea duen film historiko-fantastiko bat–. Formulak funtzionatu zuela dirudi: uztartu ziren kultuzko zuzendari ezagunak (Jarmusch edo Tavernier 2016ko edizioan) eta talentu gazteei ateak zabaldu zitzaizkien, tartean etxeko publikoaren arreta bereganatzea lortu zuten Maria Elorza/Maider Fernandez Iriarte tandema (Las Chicas de Pasaik gisa ezagunagoak) edo Koldo Almandoz. Aurtengorako bizkar hezur horrek bere horretan jarraitzen duela dirudi. Sail Ofizialean zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Hong Sang-soo korearrak aurten estreinatu dituen hiru filmetatik azkena ekarriko du Zinemaldira, Geu-hu , zeina Cannesen lehiatu zen kontatuz emakume baten lehenbiziko laneguna, nagusiarekin harreman sentimental bat zeukan beste langile bat ordezkatuz. Depardon, Wiseman edo Garrel bezalako zuzendari esperientziadunen ondoan egile gazteen lanak ere ikusi ahalko dira sailean Beteranoen bandoan beste bi zuzendari esperientziadun konfirmatu dituzte abuztu bukaeran: Raymond Depardonen 12 jours eskainiko dute Zabaltegi-Tabakaleran, planteamendu berezia duen filma inondik ere, kontuan izanda zuzendariak kameraz grabatu dituela zentro psikiatrikoetan ingresatuta dauden pertsonek epailearen aurrean egiten dituzten deklarazioak, filmean gurutzatuz haien historial medikuak, osasun arloko profesionalen iritziak eta jujeen azken epaiak. Bestelako proposamena dirudi Frederick Wisemanen Ex Libris: New York Public Library filmak. Haren ibilbidean beti nabarmendu izan da kanpo-behaketa dirudien estiloa, lehen itxuran obserbazio hutsaren antza izan dezakeena, baina egitura narratibo bat aurkitzen duena. Instituzioak errodatzen ditu Wisemanek eta, kasu honetan, "munduko jakintzaren instituzio handi" batetik abiatu da. Veneziako jaialdian lehiatzetik etorriko da Zinemaldira. Konfirmazio horiekin osatu da orain arte Phillippe Garrel izen nagusien artean zeukan saila –frantziarraren L'amant d'un jour Zinemaldian izango zela abuztu hasieran jakin zen–, Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen Ruben Östlund-en The Square ikusteko parada emango duena. Baina ezagunak diren zuzendariez gain, Zabaltegi-Tabakalera sailak begirada berriak deskubritzera gonbidatzen duela dirudi eta, aurretik begiratuta behintzat, izango dira itxura oso interesgarriko ekoizpenak egile gazteen eskutik, hala nola, Filipa César portugaldarraren Spell Reel , Ginea Bissauko independentzia borrokaren eta ondorengo periodo sozialistaren zinema militanteko irudiekin osatua; edo No intenso agora (João Moreira Salles), Txinako iraultza kulturalaren garaiko irudi amateurren gainean eraikia. Bestela zine-areto batean ikusteko zailak diren ekoizpenak gehientsuenak. Eskertzekoa da aukera hau.
news
argia-cf2e2114749a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/trump-eta-kimek-nola-ekarri-gaituzten-gerra-nuklearraren-atariraino.html
Trump eta Kimek nola ekarri gaituzten gerra nuklearraren atariraino
Pello Zubiria Kamino
2017-09-03 00:00:00
Trump eta Kimek nola ekarri gaituzten gerra nuklearraren atariraino Ez zaie jaramonik egin behar Ipar Koreako diktadura barregarri uzten duten irudiei: herrialde txikiaren eta munduko potentzia nagusiaren arteko tirabirak 2017ko udan mundua eraman dute krisi atomiko larri baten ateetaraino. 1962an Kubako misilen krisian AEBek eta Sobietar Batasunak gerra atomikoa ia piztu zutenetik ez omen da hain egora arriskutsua bizi izan. Udazkena iristear, ez da ikusten nola baretu Ekialde urruneko sute arriskutsua. Donald Trumpek Hiroshima eta Nagasakiren bonbaketaren urteurren eguna hautatu du mehatxatzeko Ipar Korea  "sekula ikusi ez den bezalako suz eta haserrez" atakatzearekin, horrela erakutsiz, froga gehiagoren berririk baldin bazegoen, AEBetako lehendakariaren harrokeria eta buru arina. Beste aldetik, Kim Jong-un buruzagi ipar-korearraren handikeria eta inkontzientziak mundu guztia dauka zainetan. Okerrena gertatuko dela ezin da esan segurtasunez, baina hitzezko eskalada bilaka daiteke gatazka hilgarri edozein gertakizun txikiren poderioz. Mehatxuek eta propagandak ez dute sekula bakerik ekarri. Hobe litzateke errealitatetik abiaturik negoziatzea. Martine Bulardek hitz horiekin laburbildu zuen uda hasieran AEBen eta Ipar Korearen arteko mehatxu nuklear beroa Le Monde Diplomatique n. Bularden analisian, Ipar Koreak bonba atomikoan bilatu du bere bizi asegurua atzerritarren eta batez ere iparramerikarren esku hartzeen kontra. Iraki edo Libiari gertatu zaiena erabil dezake frogatzat. Piongiangek bere larruan Koreako Gerran (1950-1953) probatua du zenbaterainokoa den AEBen su ahalmena eta ziurtzat dauka Iran ez baldin badute orain artean Mendebaldeko tropek inbaditu hori lortu duela bere programa nuklearrari esker. Kontua ez da, oraingo lehendakariaren aitonaren edo aitaren garaietan bezala, plangintza militarra negoziatzea janarien truke. Kim Jong-unek uste du Hego Korea den senide-etsaia Washingtonen morroiegi dela politika autonomorik edukitzeko, horregatik zuzenean negoziatu nahi du AEBekin aintzat hartu dezaten. Ez ahaztu gerra 1953an armistizio batez bukatu zen arren, oraindik bake itunik ez dela bien artean. Begi guztiek Txinari begiratzen diote, Ipar Korearekiko auzo nagusia delako, baina tentuz jokatu beharra dauka. Nazio Batuen Erakundean zigor ekonomiko berriak bozkatu direnean berak ere baiezko botoa eman duen arren, gero neurriak halako malgutasun batekin aplikatzen ditu. Koreako penintsula nuklearizatzea ez zaio interesatzen, besteren artean AEBek misil eta tropa gehiago hurbiltzea dakarrelako –lehendik txinatarrei itogarria zaien hesi militarra gogorragotuz–. Piongiangi bizimodua zailtzerik ere ez zaio komeni, errefuxiatu korear mordoa ekarriko liokeelako mugako eskualdeetara, lehendik korearrez gainezka dauzkanetara. Maiatzean gatazka beraz idatzi zuen Philippe Pons kazetariak, berrikitan Corée du Nord. Un État-guérilla en mutation liburua plazaratu duenak. Ponsen " Piongiangen arrazionalitatea " analisia irakurtzekoa da, hedabide nagusiek Ipar Koreaz ematen diguten irudi barregarria gaindituz hango agintarien logika ulertzen saiatzeko, diktadura haren laudorioetan erori barik. 1950-1953ko gerra hilkorraren ostean –milioi erditik gora militar eta 2,5 milioi zibil hilik, erdia baino gehiago iparraldekoak– Ipar Korea berriro erasotzeko aukerak behin baino gehiagotan aztertu dituzte yankiek. Azken aldiz 1994an, Koreako Herri Errepublika plutonioa ekoizten ari zela jakin zenean, Clinton lehendakariaren aginte aldian. Gerra azken unean saihestu zuen James Carter lehendakari ohiak Piongiangera egindako bisitak. Piongiangen logika ulertu Gaur Donald Trumpek aurpegiratzen dio Barack Obamari ezer lortu ez izana bere politika epelekin eta munduari agintzen dio korearrak sartuko dituela arrastoan jipoi eder bat emanik. Ponsen aburuz, AEBetako agintariek ezikusia egin diete Piongiangek arma nuklearra eskuratzeko zeukan logika ulertzeari. Ipar Koreako agintariek, dio Ponsek, ulertu zuten beren burua bakar-bakarrik babestu beharko zutela eta horretarako 80ko hamarkadan abiatu zuten Sobietar Batasunaren laguntzarekin programa nuklear zibil bat, gero erabilera militarrera bideratu zutena, sekretuki. Sobiet Batasuna hondoratzeak eta Txinaren eboluzioarekin are mehatxatuagoa sentituz, Piongiangek plan nuklearra sendotu zuen, oraingoan Pakistanen laguntzarekin. "Amerikarrek Afganistanen, Iraken eta, geroago, Sirian eraso zutenean, horrek are gehiago konbentzitu ditu ipar korearrak: arma nuklearraren jabe izatea dutela patu bera ez nozitzeko berme bakarra". 1994an bi aldeek lortu zuten akordioa, korearren plutonio ekoizpena abandonaturik zigor ekonomikoak kendu eta Mendebaldeak nuklear zibilentzako zenbait hornidura ematearen truke. Baina yankiek ez zuten beren hitza bete, korearrek hain gutxi. 2002rako ituna haizeak eramana zuen, eta George W. Bushek espero baldin bazuen korearrak itotzea, alderantzizkoa gertatu zitzaion: 2006an burutu zuten lehenbiziko leherketa atomikoa, eta ondoren beste lau edo bost gehiago. Gauden lekura iritsita, "erregimenarentzako suizidioa litzateke arma atomikoari uko egitea: ezingo luke justifikatu defentsako gastuei lehentasuna emateko urteotan herritarrei beren bizimoduaren kaltetan jasanarazitako sakrifizio guztia, baina gainera kanpoko eraso baten aurrean zaurgarri geratuko litzateke, Irak bezala". Piongiango erregimenak, dio Ponsek, zoro eta irrazionaltzat jotzen den arren, lerro politiko jakin bati jarraitzen dio aspalditik eta eten gabe: ahalegintzen da potentzia burujabetzat onartu dezaten, arma atomikoa eskuratzen, nazioarteko ezagutza –baita Washingtonena ere– lortzen, hondamendi ekonomikotik ateratzen sakoneko erreformekin, planifikazioa eta ekimen pribatua uztartzen dituzten sektoreak antolatuz, Piongiang etxe horratzez eta merkatal gunez hornituz… eta bide batez barne oposiziorik ñimiñoena ere –honetan ez da erreformarik Ipar Korean– suntsituz. Txinak asmatuko ote du bitartekari lanetan? Pekingo agintariei ez die graziarik egiten Ipar Koreak bonba atomikoa edukitzeak, baina buruko min larria lukete AEBek bertan gerra piztuko balute: lehendik handia den yankien presentzia areagotu, milaka edo milioika errefuxiatu berri ate joka… eta –logika ororen arabera ipar korearrak liratekeenez galtzaile– Korea osoa Seulen mende geratzea, hau da, Ipar Korea den isolatzailea galtzea AEBko militarren aurren aurrean. The Global Times hedabide txinatarrak honela zehaztu du Pekingo gobernuaren jarrera: "Korea baldin bada lehena misilak jaurtitzen AEBen lurraldearen kontra eta AEBek erantzuten baldin badute, Txinak neutraltasunari eutsiko dio gerran. Alabaina, AEB eta Hego Korea hasten baldin badira prebentziozko erasoekin eta Ipar Koreako erregimena eraisten penintsula korearreko eredu politikoa aldatzeko, Txinak ez die utziko". Ez egin barre korearrei, benetan ari dira eta.
news
argia-c9bc90288d23
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/sekula-erregistratutako-hotsik-ozenena.html
Sekula erregistratutako hotsik ozenena
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-09-03 00:00:00
Sekula erregistratutako hotsik ozenena 1888ko abuztuaren 27an, Krakatoa sumendiak eztanda egin zuen Ekialdeko Herbeheretar Indietan, egungo Indonesian. Eztanda handik 5.000 kilometrora ere entzun zen, planetaren hamahirurenean edo, bestela esateko, lurrazal osoaren %7,7an. Burrunbak airearen presioan eragina izan zuen eta Bataviako (egungo Jakarta) gas fabrika bateko barometroak erregistratu zuen astindua. Merkurioak 6,5 zentimetro egin zuen gora eta horrek esan nahi du zarata 172 dezibelekoa izan zela. Mailu pneumatiko batek 100 dezibeleko hotsa egiten du eta erreakzio-motor batek 150ekoa, soinua jatorrian bertan neurtuz gero. Baina gas fabrika hura Krakatoatik 160 kilometrora zegoen.
news
argia-e1c462cea01e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/oporretako-ameskeria.html
Oporretako ameskeria
Juan Mari Arregi
2017-09-03 00:00:00
Oporretako ameskeria Uda honetan jazotako hainbat gertaerek aditzera eman dezakete kasik mundu guztiak izan ditzakeela oporrak eta egin dezakeela turismoa. Eredu turistiko honen kontrako kanpainek, jendez lepo dauden aireportu eta geltokietako irudiek, hirien traza hartu duten hondartzek… hori pentsatzera garamatzate. Eta gainera, gisa horretan beste mezu bat ere zabaldu da: krisi ekonomikoa gainditzen ari garela. Baina errealitatea egoskorra da, eta datu estatistiko ofizialek gezurtatu egiten dute. Egia da milioika lagun mugitzen direla eta gozatzen dutela oporraldiez turismoa egiten. Bai, baina biztanleriaren zati txiki bat baino ez dira, eta ia beti pertsona berak dira udako, Gabonetako edo Aste Santuko atsedenaldiak izan ditzaketenak. Askoz gehiago dira langabezia, pobrezia, gosea eta bazterkeria soziala sufritzen dutenak. Agintean dagoen sistema kapitalistak sorturiko desoreken ondorioa da. Europar Batasuneko hiru herritarretik batek, %32,9ak, ez zuen aukerarik izan 2016an astebeteko oporraldia ere hartzeko, are gutxiago bera bizi den tokitik kanpo, Eurostat estatistikarako bulego komunitarioaren arabera. Espainiako Estatuaren kasuan %40,3ak eta Frantziakoarenean %23,4ak. Populazio horren artean miseriazko nominak dituzten pentsionistak, emakume langabetuak, gurasoen etxean bizi diren bikotekideak, langile prekarioak eta immigranteak daude. Zenbaki handietako ekonomia, enpresa handi eta multinazionalena hobetzen ari ei da, Burtsaren mundu birtualaren gisan. Enplegu prekarioaren eta izoztutako pentsioen bizkar, haatik. Azken batean, egungo sistema kapitalistak sortu duen desoreka estrukturalaren beste ondorio bat da hau. Oporraldi eta turismoaren kontua ameskeria baino ez da. Krisiak jarraitzen du betikoak zigortzen.
news
argia-3e874d0b43b4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/irakurleak-galdezka.html
Irakurleak galdezka
Jakoba Errekondo
2017-09-03 00:00:00
Irakurleak galdezka Aupa Jakoba. Aurten sartutako sagarrondoei zorriak edo "pulgoiak" izugarrizko kaltea eragin diete. Zer botatzea aholkatuko zenidake? Xanti Aranburu (Ereñotzu) Aupa Xanti. Bai, aurten bada zorririk! Kontuz simaurrarekin edo nitrogeno asko duen ongarriketarekin, horrek ikaragarri laguntzen dio. Zorriaren aurkari onak amona mantangorriak eta krisopak dira. Erosi eta zabaldu daitezke. Ondorengo landare hauen urak erabili: intsusa, izpilikua, tomatea, larranbiloa, bortusaia, mota-belarra, baratxuria, garoa, asuna, azeribuztana, zolda-belarra eta, batez ere, tabako-belarra. Horien urei beti xaboia erantsi, ahal baduzu xaboi potasikoa. Tratamendua hirutan errepikatu, zortzi bat eguneko tartearekin.
news
argia-2b318f7764b9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/bartzelona-no-en-el-meu-nom.html
Bartzelona: "No en el meu nom"
Itxaro Borda
2017-09-03 00:00:00
Bartzelona: "No en el meu nom" Freddy Mercury eta Montserrat Caballé irudikatu ditut abuztuaren 17ko gauaren minean, Rambla gainetan eta Cambrilsko itsasertzean, No tinc por bi bozetan kantatzen. Mina hazi zait bihotzaren sakonean: masa hilketen zerrenda emendatzen ari da, Parisko Charlie Hebdo -ren kontrako sarraskiaz geroztik. Noski, badakit, munduan barna, erailketa zakar askoz gehiago badela, baina bakoitzak bereak ditu negarreztatzen, bakarraren doluak guztiena ordezkatzen ahal duelako. Jihadistak hain gazteak izateak halaber gogoa inarrosten dit: atentatu itsuen egileak adin hotzekoak dira eta ordenu emaileak, beti bezala, gizon zohituagoak, Liburu Sainduei erranarazten dioten horretan bertan ez dutela beraiek ere sinesten. Paradisua erdiesteko ideologikoki apailatzen dituzte odol beroko mutikoak, juduak eta apalesgarriki kouffar izendaturiko infidelak gauza bilakaturik, haien kontra ekin dezaten urrikirik gabe. Ez du balio luzatzeak: terrorismoaren mekanismoak ezagutzen ditugu. Beldurra, ezberdinarenganako mespretxua eta sistemaren biktimak direlako sentimendua txertatzen zaie zainetan. Testu erlijiosoaren idolatriak eramaten ditu fundamentalismora. Islamak ez du errurik ordea, baizik eta islama hilketa tresna gisa moldatzen duten horiek. No en el meu nom.
news
argia-2e5b2b4be875
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/gurean-bidea-ez-da-helburu-behar.html
Gurean bidea ez da helburu behar
Karlos Gorrindo Etxeandia
2017-09-03 00:00:00
Gurean bidea ez da helburu behar Botila erdi betea edo erdi hutsik dagoela esaten dugunean, ikuslearen sentsazio, irudi, ilusio edota helburuen araberakoa izan ohi da erantzuna. Esaterako, Gernika-Lumon Soziolinguistika Klusterrak egin duen kale neurketaren emaitzen harira (2016koa), egongo da balorazio positiboa egingo duenik, aztertutako jendartearen (5.491 lagun) %50ak euskaraz egiten duela ikusitakoan. %50etik gora erdaraz egiten dela ikusi duenak zapuztuta izango du gogoa, atzera begira jarrita, zazpi puntu beherantz egin duelako erabilerak azken hamar urteotan. Hortaz, Gernika-Lumon euskaraz hitz egiten dela ikusten duenarentzat datu ezin baikorragoa izango da, gure hizkuntzak bizirik jarraitzen duelako herritarren ahoan; baina oso negatiboa, azken hamasei urteotan erabileraren gorakadak etena ez ezik, beheranzko joera kezkagarria hartu duelako erabilerak gure herrian, eta agonia luze baten ezaugarri izan daitekeelako aldapa beherako etengabe hori. Euskarak langabezia ezagutu zuen berrogei urte luzez eta behin lana lortuta, krisia amaituta zegoelakoan, lanpostuaren balorazio positiboa egitea zegokigun, harik eta beste krisi mota baten zartakoak berriro euskara kolokan jarri duen arte. Garrantzitsua lana izatea da, baiki, eta hau bezain inportantea lan iraunkor eta duina izatea. Gure asmoa ez da mailari eustea, gorago egitea baino. Arestian esana hartuko dugu oinarritzat.              Euskadiko Autonomia Erkidegoa baino helburu ez duenari ez dio inoiz lipotimia ideologikorik emango independentzia lortzen ez bada. Baina, bestalde, Euskal Herri subiranoa amets duena negarrak eragindako muki dariola ibiliko da bazterretan helburua Everesten jarri duelako eta ez Oiz mendi-parke eolikoan. Zaputzak harrapatzen zaitu zure nahia betetzen ez dela ikusten duzunean eta jakin badakizunean, gainera, betegarri den xedea dela helburu hori. Ez dut esango konformista izatea deitoragarria denik, izateko mota bat baino ez delako. Eta nor gara gu esateko zelakoa izan behar den urlia edo sandia. Ahalegintzea dela diote norberaren buruarekin asebete sentitzeko modu bat. Deus egin barik ez duzu inoiz ezer lortuko, baina ahalegintzen bazara, diote teoria honen zaleek, bestelako zentzua emango diozu zeure bizitzari, nahiz eta ahaleginean burua hormaren kontra jo. Hasitakoa bukatu egin behar den teoriarekin nago ni adosago baina, ahalegintzea helburura iristeko taktika edo estrategia baino ez dela uste baitut. Eta gurean bidea ez da helburu izan behar. Zoritxarrez, hasitakoa bukatu ezinda bagabiltza eta hortik dator frustrazioa eta nahigabea, gorantz barik, beherantz gatozelako eta ahalegindu ahalegintzen garen arren, helburua gero eta urrunago dakusagulako, euskarari dagokionez, behintzat.
news
argia-ee572253da4b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/aniztasun-funtzionala-duten-emakumeak.html
"Gu gara gure bizitzetako protagonistak"
Ilazki Gainza Giraldo
2017-09-03 00:00:00
"Gu gara gure bizitzetako protagonistak" "Ikusezinak izan gara orain arte: ikusezinak legeetan, beste emakumeentzat, mugimendu feministarentzat. Zorionez, azken urteetan egiten ari garen lanari esker, ikusgarriak bihurtu gara". Fekoor-eko (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) Bilboko egoitzan izan gara Mari Carmen Azcona Domínguez, Rosalía Cuadrado Pascual eta Marian Andrés Acharekin. Fekoor irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen 20 elkarte nagusiak biltzen ditu eta 8.000 pertsonatik gora ditu atxikita. 2002. urtetik emakumeen batzordea sortu zuten Fekoor-en. Zer dela-eta iruditu zitzaien beharrezkoa elkarteko emakume batzuei batzordea sortzea? Aniztasun funtzionala duten gizonezkoen egoera berean al daude? Emakumeen batzordea 1979. urtetik, Fekoor sortu zenetik, aniztasun funtzionala duten pertsonen problematika orokorra landu dute erakundean, besteak beste, egunerokoan aurrera egiteko topatzen dituzten oztopoak, hezkuntzarako duten eskubidea eta integrazioa. Baina 2002. urtera arte, ez zituzten aniztasun funtzionala duten emakumeek emakume izate hutsagatik bizi dituzten oztopoak lantzen. Hori dela eta, batzordearen lehen helburua aniztasun funtzionala duten emakumeak bertaratu, elkartu eta beren interesekoak diren gaiez hitz egiteko espazioa sortzea izan zen, hau da, tabua zen (eta oraindik hala den) sexualitateaz hitz egiteko, ama izatearen nahiaz, lan munduaz, eta abar. "Sorreran denak boluntarioak ginen, gaur egun berdintasun teknikari baten babesa dugu"; beharrezkoa dela diote. Batzordean kide gutxiago dira gaur egun, sei inguru, nahiz eta hiru diren era aktiboan parte hartzen dutenak. Emakumeek etxean karga asko dituzte, hori dela eta, askok ezin izaten dute batzordeko bileretara joan edota ez dute beren burua prest ikusten, horretan formaziorik ez dutelako. Hala ere, "guk beti esaten dugu inor ez dela jakinda jaiotzen, gu ere denborarekin formatzen joango gara, antolatu ditugun ikastaroen bidez. Beraz, parte hartzera animatzen ditugu aukera dugun bakoitzean". Argazkia: Aritz Loiola. Arima errebeldeak Aniztasun funtzionala duten emakumezkoek botila ezezkoez beteta dute, gizonezkoek, aldiz, bide errazagoa dute. Orokorrean, ikasketak burutzeko, lana aurkitzeko, bikotekidea izateko, ama izateko dituzten oztopoez gain, beren familien babes falta dute halako gaiez hitz egiten dutenean. Aniztasun funtzionala duten gizonezkoak kalera ateratzera, lana eta bikotekidea bilatzera –gurasoak falta direnean norbait izan beharko dute-eta zaintzeko– bultzatzen dituzten bezala, emakumezkoekin kontrakoa gertatzen da. "Nik Psikologiako lizentziatura egitea erabaki nuen. Oztopo ugari topatu nituen erabaki hori hartu nuenetik, baina traba gehienak arkitektonikoak izan ziren; bai unibertsitatean baita bertara iristeko erabili behar nituen garraio publikoetan ere. Eskailera ugari zeuden metroan eta unibertsitatean, eta klaseetara jendearen elkartasunari esker iristen nintzen". Hala ere, batzordeko kideek azpimarratzen dute topatu dituzten oztopo arkitektonikoez gain, aldatzeko zailenak direnak oztopo mentalak direla. "Munduaren aurka altxa garen arima errebeldeak gara"; horri esker eguneroko trabak gainditu dituzte. Ez da erraza egunerokoan bizi behar izaten dutena eta emakume asko etxean daude oraindik, ordaindu eta baloratzen ez diren zainketa lanak egiten, beren ametsak errealitate bihurtzeko aukerarik izan gabe. Hori dela eta, beren esperientziak zabalduz, etxeetan dauden emakume horiek ikastera, lanera, kalera ateratzera bultzatu nahi dituzte: "Nik ahal badut, zuk ere ahal duzu", diote. Sororitatea bultzatu nahi dute aniztasun funtzionala duten emakumeen artean, elkarren arteko babesarekin errazagoa baita aurrerapausoak ematea. Aniztasun funtzionala dutenak familian zaintza lanak egiteko gai dira eta askok horretan igarotzen dute bizitza, baina beren seme-alabak zaintzeko gai diren zalantzan jartzen da Amatasun urratua Emakumeek ama izateko edo ez izateko duten eskubideaz edonork hitz egin dezakeela dirudi, baina aniztasun funtzionala duten emakumeei ama izateko duten eskubidea urratu egiten zaie, zuzenean. "Eskubide bera dugu, baina guri beste emakumeei baino gehiago jartzen zaigu zalantzan. Ama izatea erabakitzen duenak probak egiten ditu lehenago, berak duena genetikoa ez dela ziurtatzeko. Gaia serioski hartzen dugu. Baina aniztasun funtzionala izan eta ama izatea erabakitzen duten emakumeak epaituak sentitzen dira mediku zita bakoitzean, etxekoen artean, lagunen artean. Oso gogorra da", salatu dute. Jendartean dagoen moral bikoitzak min handia egiten die aniztasun funtzionala duten eta ama izan nahi duten emakumeei: familian zaintza lanak egiteko gai dira eta horretan igarotzen dute askok beren bizitza, baina beren seme edo alaba zaintzeko gai diren zalantzan jartzen da. "Inkoherentzia hutsa" dela diote. Tailerrak, emakumeak beraiek jabekuntza prozesua egiteko Komunikabideetan euretaz hitz egiteak duen garrantzia azpimarratu dute, beren egoera normalizatu eta jendarteak egoera osotasunean uler dezan, beren gaitasunak gutxietsi gabe. Esaten ez dena ez da existitzen, ikusten ez dena ere ez. Hori dela eta, hizkuntza inklusibo kontzientea erabiltzea ezinbestekoa dela diote. Hau da, hizkuntza inklusiboa erabiltzen bada komunikabideetan, baina idazten den izenburuan aniztasun funtzionala izateari askoz garrantzi gehiago ematen baldin bazaio, berez esaten denari baino, ikuspegi inklusiboa galtzen du. Argazkia: Aritz Loiola. Hizkuntzaz harago, aniztasun funtzionala duten emakume askori kosta egiten zaie euren buruak emakume bezala ulertzea, ingurukoek beren "desgaitasuna" soilik ikusten baitute. "Jabekuntza soziala eta norbanakoarena ezinbestekoa dira egoera hori aldatzeko. Emakume bezala ez bazara eragile aktibo, zaila izango da zure ingurukoak izatea. Egin behar dugun lehen aldaketa geuregan hasten da". Jabekuntza tailer eta ekintza aldarrikatzaileen bidez lortu dute beren ingurukoak ere eragile aktibo bilakatzea. "Kalean dagoena ikusten da, beraz guk kaleak okupatu behar ditugu, horrela soilik lortuko dugu aldaketa", ziurtatu dute. Aldarrikapen horien baitan dago aniztasun funtzionala duten emakumeak ikusaraztea. Gizonezkoak dira ditugun erreferenteak gai guztietan: historian, biologian, artean, politikan, ekonomian... Azken urteetan emakume erreferenteak biltzeko lan eta ikerketak bultzatu diren arren, aniztasun funtzionala duten emakumeak ikusarazten dituen bilduma edo lan zehatzik ez da argitaratu. Fekoor-eko emakumeen batzordeak urriaren 17an, Emakundek antolatu duen Berdintasunerako gunean, Areatzan egongo den autobusean, aniztasun funtzionala duten emakume ospetsu eta ez ospetsuen inguruko erakusketa aurkeztuko dute. Batzordeko kideek ziurtatu dute aniztasun funtzionala azpimarratzea ez dela helburua, emakume horien lorpenak ezagutaraztea baizik, baina onartzen dute egoera eta espazio batzuetan aniztasun funtzionala dutela azpimarratzea garrantzitsua dela. Jadanik jabekuntza prozesua hasi dutenek eta oraindik ez dutenek ere halako erreferenteen beharra dute: "Berak lortu badu, nik ere lor dezaket" esatera bultzatzen baitu erreferenteak izateak eta ekintzara bideratzen baititu biktimismoan murgilduta dauden emakumeak. Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea "Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala"; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, "bere obra ospetsua desgaitasun propioan oinarrituz". Aniztasun funtzionala duten emakume ezagun asko daude, baina ez da beren "desgaitasunaren" berri ematen. Ikusgarritasuna behar da normalizaziorako eta lan horretan murgilduta daude Fekoor-eko emakumeen batzordeko kideak. "Ezer ez guretzat, gu gabe" da beren leloa. Pertsona bakoitzak bere bizitzako erabakiak hartzeko askatasuna izan behar du eta bere bizitzako protagonista izateko eskubidea du. "Pertsonak bere aniztasun guztiekin onartzen ditugun unean inklusioa errealitate bilakatuko da" eta horretarako aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonen arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi dute.
news
argia-6e5767cd9e91
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/leire-erkoreka-psikiatra.html
"Ikerketek diote sintoma psikotikoak larriago adierazten direla ama hizkuntzan"
Onintza Irureta Azkune
2017-09-03 00:00:00
"Ikerketek diote sintoma psikotikoak larriago adierazten direla ama hizkuntzan" Zer gertatzen da paziente eskizofrenikoak nola dagoen azaltzen dionean psikiatrari? Gauza bera kontatzen al du lehen hizkuntzan eta bigarrenean? Ikerketa urriek ezetz diote. Leire Erkoreka harrituta dago zein ikerketa lan gutxi egin den buruko osasunaz eta hizkuntzaz, ezaguna bada ere eragina nabarmena dela. Buruko osasuna eta hizkuntza oso lotuta daudela diozu. Hizkuntza garrantzitsua da osasunaren alor guztietan. Edozein harreman terapeutikotan ikusi da osagilearen eta gaixoaren arteko ulermena zenbat eta hobea izan emaitza terapeutikoak hobeak izango direla. Bien lehen hizkuntza bera denean, osagilearen eta gaixoaren arteko harreman terapeutikoa hobetzeaz gain, tratamenduarekiko atxikimendua hobetu egiten da. Hizkuntzaren garrantzia are nabarmenagoa da buruko osasunean, guk ez daukagu tresna diagnostiko osagarririk. Hau da, gure tresna diagnostikoa hizkuntza da, azterketa psikiatrikoa egiterako orduan hizkuntzan oinarritzen gara. Psikiatrian, eta psikologian ere bai. Diagnostikoa egiteko eta tratamendua ipintzeko emaitzen azterketa, pazienteak adierazten dizkigun sintoma eta zeinu psikiatrikoetan oinarrituta dugu. Beraz, ez da gauza bera gaixoa ama hizkuntzan artatu ala bigarren hizkuntzan? Uda Ikastaroetan [EHUko Osasuna eta Hizkuntza jardunaldiak Bilbon] egin genuen literaturaren berrikusketa. Argitaratutako lan gehienak paziente elebidun eskizofrenikoekin egin dira. Adibidez, depresioetan edo agerraldi maniakoetan zer gertatzen den ez dakigu, ez baitago argitaratuta, ez dago ikertuta. Eskizofrenia aztertu duten lan gehienetan ikusten da sintomak desberdin adierazten direla ama hizkuntzan eta bigarren hizkuntzan. Gehienetan ama hizkuntzan sintomak larriago moduan adierazten dira edo gehiago adierazten dira eta terapeutak larriagotzat hartzen ditu. Ikastaroan esan zenuen ikerlariek diotela ama hizkuntza emozioekin lotzen dela eta bigarren hizkuntza erabiltzeak errealitatera lotzen gaituela. Antzeman den desberdintasuna azaltzeko ondoko hipotesia egiten dute: ama hizkuntza emozioekin lotuago dago eta sintoma psikotikoak emozioekin oso lotuta dauden heinean, larriago moduan agertzen dira ama hizkuntzan. Bigarren hizkuntza igortzeko funtzio betearazleak erabili behar dira, garunaren beste funtzio batzuk erabili behar dira. Bigarren hizkuntza ez da hain automatiko ateratzen. Funtzio betearazleak erabiltzerakoan pazienteak hizkuntzaren formari eta igorpenari arreta gehiago jartzen dio. Arreta gehiago eskaintzeak, edozelan ere, gaixoa errealitateari lotuago mantentzen duela diote ikerlari batzuek. "Ebidentzia nahikoa dago paziente elebidunetan azterketa psikiatrikoa hizkuntza batean edo bestean egiteak emaitza desberdinak emango dituela" Argitalpenen artean Bizkaiko bat aipatu zenuen. Gainerako ikerketen kontrako joera adierazten zuen. Lan gehienek esaten zuten sintoma psikotikoak larriago adierazten direla ama hizkuntzan. Baita ere, batzuek zioten entzutezko haluzinazioak ama hizkuntzan bakarrik entzuten direla eta beste batzuek zioten larriago adierazten direla ama hizkuntzan. 1991n, Bizkaiko hiru psikiatrak, (Pablo Malo, Juan Medrano eta Jose Uriarte) lau gaixo eskizofreniko euskaldun zaharrekin egin zuten ikerketa. Haiek entzutezko haluzinazioak gaztelaniaz baino ez zituzten entzuten. Ikerlari gehienek deskribatu zutenaren kontrakoa. Nola uler daiteke? Egia da lau paziente baino ez direla, eta nabarmendu behar da gehienetan muga metodologiko nabarmenak daudela. Lan gehienak paziente gutxirekin egin dira, gehienetan ez da aztertu gaixoek hizkuntza bakoitzean daukaten trebetasuna, ezta zein adinetan ikasi duten bigarren hizkuntza ere. Badirudi hizkuntza noiz ikasten den sekulako garrantzia duela. 5 urte baino lehenago ikasitako hizkuntzak hizkuntza primario moduan gorde eta erabiltzen dira, eta 5 urtetik aurrera ikasitakoak bigarren hizkuntzatzat hartzen dira. Hizkuntza bakoitza igortzeko erabiltzen den oroimen mota desberdina da, 5 urtetik aurrekoak automatikoki igortzen dira eta 5 urtetik gerora ikasitakoek funtzio betearazleen parte-hartze handiagoa behar dute, eta hori ere ez da jaso lan gehienetan. Nik uste dut muga metodologikoak egon arren ondorioa nahiko garbia dela. Psikologian eta psikiatrian hizkuntzak izugarrizko garrantzia duela esan duzu, baina era berean ikerketa lan gutxi dagoela aitortu duzu. Txarto ulertuek osasunean ekar ditzaketen ondorioei buruzko ikerketak badaude, baina harritu ninduena da buruko osasuna eta hizkuntza lotzen zituztenak ez egotea. Psikiatriari buruz oso gutxi dago. Uste nuen lan handia egongo zela eginda horren inguruan. Ikastaroan ez dakit zenbat argitalpen aipatu nituen, baina uste dut dozena batera ez zirela helduko, eta ez dago lan askoz gehiago eginda. Psikoterapiari buruz badago gehiago argitaratuta, baina gaixotasun psikiatriko zehatzetan, paziente elebidunak izanda, hizkuntza bakoitzaren erabileran dauden desberdintasunei  buruz oso lan gutxi dago. Zuk aipatutakoak nongoak dira? Batez ere Amerikako Estatu Batuetakoak, latinoei buruz egindakoak, baita Hegoafrikakoak ere. AEBetan elebitasunak osasunean duen garrantzia landuta dago. Mediku latinoak eta paziente latinoak batzeko programak daude. Zergatik aukeratu zenuen ikerketa lerro hori? Psikiatra [Barakaldoko Osasun Mentaleko Zentroan] eta ikerlaria [Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean] izateaz gain, irakaslea [EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean] ere banaiz eta Naiara Ozamizekin batera egin dut lan hau. Basurtuko ospitalean lan egiten duen psikiatra talde batekin hasi ginen tresna psikometrikoak (pazienteari egiteko galdetegiak) euskaratzen. Helduak baino umeak genituen buruan, zeren gero eta ume gehiagok du lehen hizkuntza euskara, eskolan txiki-txikitatik lantzen dutelako. Pentsatu genuen garrantzitsua izango litzatekeela umeek sikiera eurei zuzendutako galdetegiak edukitzea. Ikastaroan egin nuen argitalpenen berrikusketa-lana ere hortik sortu zen. Nola uztartzen dituzu argitalpenak berrikustea eta tresnak euskaratzea? Berrikusketa-lanak zentzu handia eman dio tresnen euskaratze lanari, azkenean justifikazio antzeko bat da. Zergatik da garrantzitsua tresna psikometrikoak edo galdetegiak euskaratzea? Ebidentzia nahikoa dagoelako paziente elebidunetan azterketa psikiatrikoa hizkuntza batean edo bestean egiteak emaitza desberdinak emango dituela. Badirudi garrantzitsua dela norberaren hizkuntzan edukitzea tresna psikometrikoak. Galdetegi horiek osasun etxeetan erabiltzen ikusiko ditugu? Gu, oraingoz, euskaratzen ari gara. Donostiako Psikologia fakultatekoek piloa dituzte euskaratuta eta balioztatuta. Tresna gehienak TEA argitaletxean argitaratuta daude. Test psikologikoak jasotzen dituen argitaletxea da.
news
argia-8b061f7b864d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/pascual-serrano-kazetaria.html
"Internetek ez du informazioa demokratizatu, desinformazioa baino"
Jabi Zabala
2017-09-03 00:00:00
"Internetek ez du informazioa demokratizatu, desinformazioa baino" Hedabideak izan dira Pascual Serranoren (Valentzia, 1964) lantoki eta aztergai. Rebelión agerkari digital aitzindariaren sortzaileetakoa izan zen 1996an eta Telesur telebistaren aholkulari aritu zen Latinoamerikako kanalaren hastapenetan. Sektorearen aztertzaile zorrotza, hedabide handien manipulazio tekniken eta interes ilunen salaketa egin du liburu ugaritan. Azkenaldion, baina, interesgarria deritzon enpresa eredu berrien sorrera aztertu du Serranok. Doako albiste interesatuak zabaltzen dituzten hedabide korporatiboena baino, kalitatea estimatzen duten irakurle engaiatuen harpidetzek sustengatuko duten hedabide kooperatibo eta baliodunen garaia dela uste du. Desinformación liburuan hedabideek mundua nola ezkutatzen duten azaldu zenuen. Gehiago ote da kontatzen dutena baino? Seguraski bai, gainera kontatzen dutena gero edo gezurra da edo ikuspuntu okerretik jorratu, testuingurutik kanpo atera, desitxuratu edo estandar bikoitzak aplikatzen dira. Mekanismo asko erabiltzen dira baina desinformazio panorama atsekabegarria dugu horien ondorioz. Filtrazio kazetaritzarako garai ona dela dirudi, hala ere. Filtrazioa ona da, gardena den heinean, baina ez da, berez, kazetaritza. Norbaitek, maiz arriskuak hartuta, gizarteratutako informazioa da, berea da meritu nagusia. Kazetaritzak nolabait landu, forma eman eta transmititu egiten du informazio hori. Hala ere, Wikileaks ospetsuaren kasuan (2010eko Cablegate afera), informazioa pasatu zitzaion hedabide sorta jakin horrek ez zuen zuzentasun handirik erakutsi informazio hori transmititzeko orduan, interesatzen zitzaiena zabaldu eta beste gauza ugari isildu zituztelako. Geroago, informazioa denen esku jarri zenean, hedabide horiek informazio guztia zabaltzea oztopatu zutela egiaztatu zen. Hedabidea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta fidagaitzagoa? Ez da neurri kontua, dirua norena den baizik. Hedabide handien kasuan dirua sektore makurragoena izan ohi da eta txikien kasuan dirua jende normalagoarena. Zeren aurrean egon behar gara erne irakurle-hartzaile moduan? Lehenengo, esan bezala, dirua norena den begiratu. Ondoren, zure autoaren mekanikoarekin edo kardiologoarekin bezala, baten batez fidatu behar zara. Autoak frenatuko duela eta medikuak ondo operatuko zaituela pentsatu behar duzu, ezin zara mekaniko edo mediku bihurtu, zuk zeuk egiteko. Era berean, ezin zara Siriara joan, han zer gertatzen den ikustera, norbaitez fidatu behar zara. Garrantzitsua da nork bere erreferentziazko hedabide eta kazetari berezitu sorta edukitzea. Saia zaitez Ekialde Hurbilaz, Kolonbiaz edo Afrikaz informatzen dutenetan zintzoenak eta sinesgarriak aurkitzen eta jarraitzen. Espainian ba ote dago prentsa fidagarririk? Espainiako prentsa idatzian, egun, badira kazetaritza parte-hartzailea egiten duten hedabide kooperatibo batzuk, ez dira tradizionalki alternatibotzat jo izan diren hedabide militanteak baina, duela 20 urte geneukanarekin alderatuta, informazio baliagarria egiten ari dira. Eldiario.es, Infolibre, La Marea , Alternativas económicas eta Mongolia , kasu, mozkina bilatzen duten merkataritza enpresak dira, ez GKEak, baina apurtu dute eskema maltzur batekin: enpresa handiak akziodun, iragarle handiak finantzatzaile eta banka handia hartzekodun. El País edo El Mundo baino osasuntsuago daude ekonomikoki eta, gainera, rol nabarmenagoa hartzen ari dira: black txartelen afera azaleratu zuen Eldiario.es-ek eta ustelkeriaren aurkako fiskalaren Panamako diruarena Infolibrek. Ikerketa kazetaritza egiten ari dira eta kazetariak eramaten dituzte Ukrainara edo Siriara, eta hori txalogarria da. Público-k paperean ezin izan zuen iraun, hala ere. Espainiako audientzien uste usteletako bat da pentsatzea informazioa jasotzeko eskubidea dutela baina nork ordaindu behar duen planteatu gabe. Hiru aukera daude hor: estatu sozial batek ordaintzea, osasuna eta hezkuntza bezala –eta ez dirudi gure estatuak horren alde daudenik– edo BBVAk eta El Corte Inglések ordaintzea –eta kasu horretan orain arteko informazio kaxkarra aterako da– edo guk geuk irakurleok ordaintzea. Pentsatzea aberats batek ezkerreko egunkaria mantenduko duela eta astebururo, euro erdi pagatuta, DVD bat oparituko digula, ez da bideragarria. Argazkiak: Aritz Loiola Beraz, ez dago kazetaritza onik edo zintzorik hedabide handietan? Probestu beharreko koiunturak eta sinergiak daudela uste dut. Esaterako, La Sexta edo enpresa jakin batek egun izan dezake PPren ustelkeriarekiko lerro editorial kritikoa eta, ondorioz, han agertzeko deitzen badigute joateko prest egon behar dugu, jakitun egonik beraien akziodunen interesak kaltetuz gero –José Manuel Larari edo BBVAri buruz gaizki hitz eginez gero– horma baten kontra joko dugula. Niri oraintxe La Razón ek astero zutabea idazteko deituko banindu, baietz esango nioke, nik printzipioz nahi dudana idazteko dela pentsatzen baitut. Logika kapitalista ere egon daiteke hor: gizartearen ezkerreko sektorearentzat ere, kontsumitzailea den heinean, kate bat edo saio batzuk egitea. Noski, batez ere sistema erortzen ez dela ikusten badute. Adibidez, Intereconomíak Pablo Iglesias bere tertuliara eramaten zuenean, hark egin zezakeen kaltea baino, audientzia %2tik %4ra igotzea hobesten zuen. Zer egin behar zuen Iglesiasek? Bada, hara joan, noski. Horrek ez zuen hedabidea ezkerreko bihurtzen. "Lehenengo, dirua norena den begiratu. Ondoren, garrantzitsua da nork bere erreferentziazko hedabide eta kazetari berezitu sorta edukitzea" Mezu eta ikuspegi alternatiboa duten hedabideak beti alternatiboak izatera kondenatuta daude? Bestela esanda, masarengana heltzea ala egia esatea aukeratu behar dute? Egoera aldatu da. Adibidez, neuk sortzen esku hartu nuen Rebelión-en garaia iragan dela uste dut. Oso hedabide militanteak ziren, ez genuen kazetaritzarik egiten. Internet garatu gabe zegoen artean, eta iraultzailea zen hedabideen kontrol estua zuen orduko oligopolioaren aurrean gizarte mugimenduen ahotsa erakustea, isilarazita zeuden ezkerreko aztertzaile eta iritzi emaile batzuk ateratzea. Egun, aldiz, lehen aipatu ditudan hedabideek horixe egiten dute, baina eurek bai, kazetaritza egiten dute, kolaboratzaileei ordaintzen diete, berriemaileak bidaltzen dituzte... Guk ez genuen hori egiten. Hedabide militantearen garaia igaro da, egun bestelako funtzionamendua duten hedabide horiek babestu behar dira, irakurle-harpidedunen bidez. Badago merkaturik hedabide diferenteak egiteko. Gainera entretenigarriak izan behar direla diozu. Ezkerraren errakuntza historikoa izan da hedabideen aurkezpenari garrantzirik ez ematea, 40 urte kostatu zaigu konturatzea testuak ondo lerrokatu eta argazkia jarrita hobeto irakur zitekeela, umorea eduki politikoarekin erabil daitekeela. Kazetaritza engaiatua ere atsegina izan behar da, ezin diegu hedabide handiei erakargarri izatearen esklusiba eman. Noski, ezin ditugu zaborrak atera, eduki sexistak egin edo ikuskizun hutsean gelditu, baina ezin gara halaber aspergarriak izan. Jibarizatuak esaten diezun formatu azaleko eta laburrek ez dute balio mezu kritikoa hedatzeko? Horiek erabiltzera derrigortuta gaude, baina informazioaren azalean surf egiteko molde sinplifikatuak erabiltzean pentsamendu menderatzaileak abantaila du pentsamendu kritikoaren ondoan. Lehenak ez du sakondu edo argudiatu beharrik, eta bigarrenak espazio gehiago behar du. Ez diogu, esaterako, Twitterren 140 karaktereko eremua erabiltzeari utziko, beste erremediorik ez dugu, baina mundua aldatu nahi dugunok, diskurtso alternatiboa dugunok eta stablishment -aren pentsamoldeari argudioekin aurre egin nahi diogunok espazio gehiago behar dugu. Beraz, etsaiaren zelaian jokatzen ari gara mikroformatuetan. Produktu batengatik pagatzen ez baduzu, produktua zeu zarelako dela esan ohi da. Horixe, Ignacio Ramonetek dioenez, "arrain ustela doan izan ohi da eta arrain ona ordaindu behar da", audientziak salduta lortzen dira iragarkiak. Zertarako ordaindu, informazio mordoa doan eskura badaukat? Pentsatu behar duzu tranpa duela doako informazio horrek, izan ere, nork ordaindu dio kazetariari? Interesa duen iturri batek beti. Are, itxuraz inork ordaindu ez badu, orduan seguruenik ezkutuko intentzioa izango du informazio horrek, zerbait lortzeko. "Hedabide militantearen garaia igaro da, egun bestelako funtzionamendua duten hedabideak babestu behar dira, irakurle-harpidedunen bidez" Ezkerreko irakurle kritikoa ere "dena doan" horretara ohiturik, ez ote da ordaintzeari uzkur? Bai, noski, baina kazetaritza zintzoaren alde gaudenok pedagogia egin behar dugu. Pentsa, duela hamar urte hilean 30 euro ari ziren ordaintzen paperezko egunkariaren truke, eta orain 6 ordaintzeari gehiegi deritzote. Kostu ekonomikoa ez da hainbestekoa, gehiago da mentala, pantailan dena doan jasotzen ohituta zaudelako. Kazetaririk gabeko kazetaritza posible da? Inolaz ere ez, herritar kazetaritza esan zaion horren aurka nago. Herritarrari entzun behar zaio, informazioaren protagonista izan behar du, bere eskakizunek albiste izan behar dute, baina teknikari bat egon behar da informazioa aukeratzeko eta mezuari forma emateko. Ikusi beharko da zein irizpiderekin egiten duen, merkataritza balioekin ala gizarte engaiamendu balioekin. La prensa ha muerto, viva la prensa liburuan (2014) zenioen krisiak hedabide askeagoak ekarri dituela. Hedabideen krisiaz ari zinen finantza krisiaren barruan? Nik nioen lehengo eredu oligopolistikoaren krisia ez zela inolako tragedia, baliodun hedabide aurrerakoiak aspalditik zeudelako krisian. Publizitatea galdu dutela diote, eta bankak ez diela mailegurik ematen, eta nik diot hedabide zintzoek inoiz ez dutela horrelako publizitaterik edo dirurik jaso. Lehen, krisia besteentzat zen, ez zen handien arazo; orain, berriz, liga berean jokatzen dugu. Ongi etorri Internetera, non kostuak baxuagoak diren eta borroka harpidedun gutxi batzuk lortzea den. Hala ere, Internetek ez du guztiz demokratizatu informazioa, bai desinformazioa, edonork astakeriak esan ditzakeelako. Oro har, uste dut egoera hobea dela eta krisia osasungarria izan dela zentzu horretan. Argazkiak: Aritz Loiola Baina prentsak gehienbat korporazio handien esku jarraitzen du. Hain zuzen ere, zure azken liburuak hedabide demokratikoak "egin gabeko iraultza" direla diozu. Irrati eta telebisten kasuan oso gutxi lortu da, diru asko behar delako, lizentzien kontrol estua dagoelako eta teknikoki zailagoa delako telebista ondo egitea. Une honetan hedabideen boterea itzela da, laugarren boterea jada ez da beste hiruak kontrolatzen zituena. Diruaren zerbitzura dagoen boterea da, demokrazia eta zilegitasun gutxien duena. Koiuntura politikoak aurka izan dituenean, Latinoamerikan kasu, manipulatzeko eta estatu kolpeak antolatzeko ahalmena erakutsi du. Nolako neurriak hartu beharko lirateke? Edukiak zintzoak izan daitezen mekanismoak ezarri behar dira, ez dezaten inpunitatez gezurrak esaten jarraitu. Denen ahotan dago hedabideen zintzotasun falta, post-egia, gezurra… Zubia jausten bada arkitektoa erantzule da, okerreko hanka operatuz gero medikua, gezurretan ari den kazetaria edo hedabideari erantzukizuna ez da planteatzen. Nire ustez neurriak hartu behar dira herritarren iritziak jasotzeko, kontzentrazioaren aurka, azken finean, informatzeko eta informatua izateko eskubidea bermatu behar da. Espainiako konstituzioaren 20. artikuluan dago egiazko informazioa jasotzeko eskubidea, baina inork ez du hori bermatzen, merkatuen esku uzten delako, eta merkatua ez dago eskubideak bermatzeko, negozioak egiteko baino. Egiazkotasunaren zaintzarako erakunde bat eratu beharko litzateke orduan? Venezuelan eta, batez ere, Ekuadorren egin dute, eta zerbait gezurra bada, zigor administratiboa ezartzen da. Nork zigortzen du? Adituek osatutako erakunde batek, ez gobernuak ez epaile batek. Gezurretan aritzea zilegi bada, herritarrak ezin du egia eta gezurra ezberdindu, diktadura batena bezalako zentsura da hori.
news
argia-95e2e2872c3e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/transmisio-soka.html
Zer egingo dugu baserriarekin?
Itziar Ugarte Irizar
2017-09-03 00:00:00
Zer egingo dugu baserriarekin? "Txikitan amamak azken judizioari buruz asko hitz egiten zigun, kaleak dendaz eta errepidez beteko zirela, antikristoa etorri eta mundua bukatuko zela esaten zuen. Baserriaren bukaeraz ari zela uste dut. Baserria arriskuan zegoela esateko bere modua zen". Asier Altunaren Amama pelikulan kontatzen da: baserriaren transmisioari eutsiko bazaio, hitz egiten hasteko ordua da. Baserri mundu tradizionalak gaurko gizartean sortzen duen gatazka du ardatz Amama k. Honela zabaltzen du filma protagonistaren ahotsak: "Baserria ez da sekula banatuko. Inondik inora ez. Hori da baserriko legerik sakratuena. Baserria seme bakar baten esku geratuko da oso-osorik. Besteek baserritik alde egin beharko dute. Aspaldi seme zaharrena izaten zen etxean geratzeko erantzukizuna jasotzen zuena. Gaur egun oinordekoa aukeratu egiten da". Hor dago koska, eta hori da kezka. Tradizioz, baserriaren transmisioa ziurtatzeko etxeko seme-alaba zaharrena geratu izan da bertan, lurrak landu eta gurasoak zaintzeko ardurarekin. Gaur egun, bertako lanari segida emango dion pertsona bakarra hautatu ordez, hainbat oinordekoren artean banatzea ohiko bihurtu da. Hala baieztatu digu Andres Urrutia notario eta Deustuko unibertsitateko irakasleak. Notaritzatik antzeman dutenez, unitate ekonomiko osoa zen baserria lehen, eta bizpahiru senideren etxebizitza da gero eta gehiago orain. Eta hori, gaur arte izan duen funtzioari dagokionez, baserria desagertzea dela dio. "Esan daiteke garai batean familia baserrirako zela eta egun, esanahi kolektibo hori galtzean, baserria dela titularrarentzat". Maite Aristegi, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Sindikatuko idazkari nagusi ohia, Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartean dabil lanean egun, baserriaren transmisioaren ardurak mugituta. Asier Altuna bezala bergararra da,  eta zera dio pelikulaz: "Amamak baserriko lana gogortasunarekin lotzen du eta lana egin behar da, baina gaur beste forma batzuk, eredu berriak, topatu behar ditugu baserriko lanari eusteko". Aristegik baserria eta nekazaritza-etxea elkarbanatzen du anaiarekin. Bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko askok hartu duten aukera dela dio, bere arriskuak dituena: "Nekazaritza-turismoa baserriaren osagarri moduan sortu zen, baina askotan gain hartu dio. Ez badugu turismoarekin batera nekazaritza lantzen, paisaia eta kultura galduko dira". Lege aldaketa, aldeko Baserriaren transmisioa, baliabide juridikoen aldetik ondo antolatuta dagoela uste du Urrutiak, arazoa besterik dela: "Kolokan dagoena baserriaren ekonomia eta kultur eredua da, etxebizitza soil eta abereak eta lurrak kudeatzeko modu berri eta mekanizatuetara igaro gara". Urrutiaren hitzetan, batik bat legea aldatu delako dago transmisioa juridikoki bermaturik; 2015ean oinordekotzen gaineko araudia berritu baitzen EAEn, Euskal Zuzenbide Zibilaren Legea onartuta. Maite Aristegi, Debagoieneko Landa Garapenerako elkartea: "Baserri ahalik eta gehien bizirik mantentzea nahi badugu, kanpoko jendeari zabaldu beharra dago. Salduta, errentan eskainita edo bestelako akordio baten bidez; oinarrizkoa da martxan jarraitzeari balioa ematea" / GORKA RUBIO - ARGAZKI PRESS Testamentua egiteko orduan oztopoak arindu ditu lege berriak. Alderik onena da aukerak zabaldu eta baserriaren jabeari eskuak "libreago" uzten dizkiola, Aristegiren iritziz. Lehen, ezinbestez lau bosten edo bi heren utzi behar zitzaizkien ondorengoei. Orain, senipartea (gurasoek seme-alabei utzitako ondasun multzotik senide bakoitzari dagokion partea) heren batera murriztu da, eta kopuru handiagoa utzi du askatasunez banatzeko. Halaber, ondorengoei eman beharreko kopurua nahieran banatu daiteke orain; bakar bati utzi diezaioke dena, eta besteei ezer ere ez. "Inork pentsa dezake dena bati uztea ez dela justua, baina ulertu behar da, baserria hartzen duenak, baserria eta lurra lantzeko ardurarekin hartzen duela. Ez da dena modu espekulatiboan begiratu behar", azpimarratu du. Euskal Herrian aspaldiko kezka da baserria bere osotasunean mantentzea. Aristegik azaldu digunez, ez zatitzeko ahalegin horretan sistema ezberdinak izan dira lurralde bakoitzean: Bizkaian tronkaletasuna –ezinbestean herentzian jasotako ondasunak ondorengoei utzi beharra– oso garrantzitsua izan da osorik mantentzeko. Gipuzkoan ez da egon foru hori, Espainiako Zuzenbide Zibila baizik, eta legearen zirrikituak erabili dira ez zatitzeko, maiorazkoaren figura kasu". Urrutiak gehitu du Nafarroan betidanik aitortu dela legez etxearen garrantzia, eta araudi berriak  Hegoaldeko lurraldeen arteko banaketa gainditu duela. Iparraldean, Kode Zibil frantsesak ezarritako banaketarako joeraren gainetik, baserritarrek nola notarioek, urte luzez etxaldea bere osotasunean mantendu dutela azaldu du, ezkontza kontratuen bidez batik bat. Baina bertan ere "kontrako joera" dagoela ohartarazi du. Inkomunikazioa da Amama pelikulako zehar-gaietako bat eta, hain justu, hori da Aristegirentzat baserriaren etorkizuna auzitan jartzerakoan dagoen arazo nagusietakoa: ez dela hitz egiten familia-baserriaren biharamunaz, ez behintzat onuraduna hil eta herentziaren auzia mahai-gainera iristen den arte. Jabea hil aurretik hitz egitea ahalbidetzen duten tresnak dira oinordetza-itunak, lege berriak barnebiltzen dituenak. Baserriaren jabeak bizirik direla berba egiteko modua ematea aurrerapausotzat du Aristegik. Ateak zabaldu "Geratzen diren baserri guztietatik ahalik eta gehien bizirik mantentzea nahi baldin badugu, kanpoko jendeari zabaldu beharra dago", dio Aristegik. Berriki herrikide batzuek baserria saldu eta berriz martxan ikustean sentitu duten poza kontatu du: "Karga bat zen haientzat; kalean bizi ziren, eta tarteka baserria garbitzera eta lurrak ondo mantentzera joan behar zuten. Orain, pozten dira berriz ere martxan ikusita Funtsean, hori da kontua, izan salduta, errentan edo akordio batera iritsita, balioa ematea martxan segitzeari".Izan ere, kasu batzuetan baserriari jarraipena emateko prest dagoen seniderik ez dagoen modu berean, badira baserrira gerturatu nahi duten gazteak, baina lurrera sarbiderik ez dutenak. Familiakoa ez dena etxean sartzeko, ordea, konfiantza falta eta erresistentzia handia igartzen du Aristegik: "Baserrian segi behar ez duenak, kalean egin duelako bizimodua edo dena delakoagatik, nahiko balu txoko bat izatea familiarekin elkartzeko, posible da, aukerak mila daude; baina lur-sailak landu nahi ez baditu, horiek baliatzeko aukera eman beharko lioke hirugarren bati". Ipar Euskal Herrian 'Zurkaitza' transmisio-sarea sortu zuten duela bi urte, etxaldea uzteko prest dauden laborarien eta bertara joan nahi duten gazteen arteko harremanak sendotzeko Jende berria erakartzeko eredua birformulatu beharra ikusten du Aristegik. Beste esperientzia bat jarri du adibidetzat: "Herrian bertan ezagun batzuk komuna gisa antolatu dira. Gure baserriak oso handiak dira eta batera lantzea aukera bat izan daiteke, baita lan baldintzak hobetu eta opor egunak hartzeko ere, adibidez". Aukera berriei bidea erraztu ezean, denbora gutxian aldaketa handia etorriko dela ohartarazi du. Iparraldean martxan dira "Iparraldean hiru etxalde uzten direlarik, bi berri jartzen dira. Frantziako Estatuan, hiru uzten direlarik, bakarra eusten da. Kulturalki, indar handia dauka etxaldearen segidak hemen. Hala ere, egoera ezkorra da etxalde kopuruaren apaltzea: azken 12 urteetan 1.100 etxalde inguru galdu ditugu". Daniel Barberarena Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) kidearen ahotan, datuek argi erakusten dute egoera zein den. "50 urtetik gorako laborarien %60ak ez daki zer egingo duen bere etxaldearekin, hori da arrangura", dio. Fenomeno berri bat ere bada: baserrietara hurbiltzen direnak gero eta gehiago dira familiaz kanpokoak; oro har, auzokideak, ondoko herrietakoak nola Frantziatik etorriak. 2007an baserrietan jartzen zirenen %7 ziren hauek eta gaur % 20 inguru dira. "Laborantzara lotu nahi dira baina ez dute lurrik ez etxalderik", dio EHLGko kideak. Aristegik aipatutakoaren ildotik, Barberarenak dio transmisioaz mintzatzean dagoen zailtasunik handiena tabua izatea dela. "Gai minbera da, zeren etxaldearen segida zure arbasoen segida da; baina, zure aurriek ez badute hartu nahi? Amama filma ikusten baduzu, transmisio-sokaren apurtzea agertzen da, eta hauste horrek aunitz sufrikario ekartzen du". Dinamika bat sortu beharraz ohartuta, EHLGk transmisioaren hamabostaldia antolatzen du udazkenean, gazteen formaziorako eta laborariak "etxaldearen bilakaeraz gogoeta berritu beharraz sentsibilizatzeko". Halaber, duela bi urte laborantza eremuko hainbat eragilek Zurkaitza transmisio sarea sortu zuten, etxaldea uzteko prest daudenen eta hara joan nahi duten gazteen artean harremanak bultzatzeko. Barnealdean egiten dute lan oro har, kostaldean lurraren espekulazioak gazteentzat ezinezko prezioak eragin baititu. Etxalde bat, garaipen bat Daniel Barberarena, EHLG: "50 urtetik gorako laborarien %60ak ez daki bere etxaldearekin zer egingo duen, hori da arrangura. Gai minbera da, transmisio-sokaren apurtzeak aunitz sufrikario ekartzen duelako" Laborantza ikasi nahi duten gazteak bildu, formatu eta erretiroa hartzera doazenekin "gurutzatu" behar direla azaldu du EHLGko kideak. "Baditugu etxaldeak non transmisioa biziki ongi bideratu den. Senperen, esaterako, laborari batek bi alaba ditu, baina ez dute etxekoen bidea heldu nahi eta kanpoko hiru gazte sartu dira". Esperientzia zailak ere baditu gogoan, kanpotik datozenak ez dira beti begi onez ikusiak eta bakoitzak proiektua ulertzeko bere modua izan dezake. "Hasten ari den gazteak senti dezake etxekoa kontrolatzen ari zaiola beti; baditugu saiakera frakasatu batzuk alde horretatik. Diruak ere sortzen ditu eztabaidak; zuk nire etxaldea nahi duzu errentan hartu, baina ze preziotan?". Irizpideak markatzeko ere egiten du lan sindikatuak. Harremanetan sakontzea funtsezkoa da Barberarenaren ustetan, eta berandu baino lehen gaia gizarteratzeko bideak jartzea: "Ulertu behar dugu auziari heltzea ezinbestekoa dela biharko Euskal Herria pentsatzeko. Ez ditugu jubilatu guztiak ordezkatuko, baina etxalde bat salbatzen dugunean, jada garaipen bat da".   "Herentziarekin bakoitzak bere pastelaren zatia eraman nahi du, bestelako ondorioez arduratu gabe"   "Baserriak gure kulturaren parte dira, eta bakardadean ari dira galtzen". Oihana San Sebastian Etxegarai lezoarra Oiartzunen bizi da egun. Bera eta bikotekidea oinordekorik gabeko baserritarren bila aritu dira, haiekin ofizioa ikasi eta kezkatzen dituen transmisioaren arazoari heltzeko. Oraingoz, euren saiakerek porrot egin dute. Familiatik baduzue baserrirako sarbiderik? Nire aiton-amonak, baita nire bikotekidearenak ere, baserrian hazitakoak dira, baina, bi baserriak hiriak jan ditu. Nire amonarena, Irunen, asfaltoak inguratzen du osorik; baserritik eraikina baino ez da geratzen. Nondik hasi duzue baserrira salto egiteko saiakera? Nik beti izan dut amonak kontatzen zuen horretara jotzeko nahia; baita beharra ere, eurek ereindako guztia galtzera doala ikustean. Interneten eta higiezinen agentzietan bila hasi eta ezinezkoa zela ohartu ginen, prezioak izugarri handiak baitira. Herentzian jasotako seme-alaba askok salgai jarriak dira, oso egoera txarrean gainera. Udaletxera joan ginen egoera zein zen galdetzera, ea norbait ezagutzen zuten interesa izan zezakeenik gu baserrian hartzeko, baina informazio pribatua zela-eta, ezin izan ziguten ezer esan. Baserri bat okupatzea ere pentsatu genuen. Egia esan, ez genekien nora jo. Zer bilatzen zenuten? Hipoteka eta baserri bila hasi ginen buru-belarri. Otu zitzaigun baserriren batean egon zitekeela jende heldua, oinordekorik gabea, akaso laguntza beharrean dagoena, gu hartu eta euren jakintza transmititzeko prest egon zitekeena. Alokairua ordainduta ere, haiekin bizi eta zainduko genituzke. Ilusioz beteta hartuko genuke, formazio baxua izan arren. Nik turismo arloan egiten dut lan, beraz, nekazal-turismo eredu iraunkorra lantzea zen gure asmoa. Kasu asko ezagutu ditugu Katalunian, turismo eskaintzaz gain, nekazaritza landu eta bestelako proiektuekin uztartzen dituztenak, artisautzarekin kasu. Zein izan da irakaspena? Ez dugu lortu; jendea itxia da eta ez da fidatzen. Beldurra diote materiala, ekonomikoa, galtzeari. Kosta egiten da harago ikustea. Gure ondare kulturalaren parte da; Oiartzunen barrena baserri asko erortzen ikusten ditugu eta tristea da. Herentziarekin, bakoitzak bere pastelaren zatia eraman nahi du, bestelako ondorioez arduratu gabe. Nik ere maite dut nire amonaren etxea, baina gureak ez diren etxeak ere maite ditugu. Gure kulturaren parte dira, eta bakardadean ari dira galtzen. Eta orain zer? Kreditu txiki batean sartu gara eta erortzen ari zen pisu txiki bat erosi dugu Hondarribian. Gure kasa ondo jarri eta proiektu txiki bat dugu buruan. Azkenean ikusi dugu bide bakarra lan eta lan aritzea dela, baserri bat erosteko nahikoa diru egin arte.   "Baserrira etorri nahi duten gazteei sarbidea eman behar zaie"   Koro Artola aresoarra da, baina Berastegin ditu baserria eta familia. Baserriko lanetik ateratzen du bizimodua –artaldea eta lurra landuta–, eta nahiko ziur dauka etxekoek –bi seme-alaba ditu– ez diotela jarraipenik emango baserriko lanari. Egiaz, ez daki seme-alabek bere lekukoa hartzea nahi duen ala ez, lana "oso gustuko" ez badute ez behintzat. Horrek ez du esan nahi baserriaren geroak kezkatzen ez duenik: "Denborarekin nekatzen joaten zara eta pentsatzen: 'Zer pasako da gero?'. Baserritarrak zahartzen ari dira eta inguruko belaze guztiak uzten dizkigute erabiltzeko, baina norberak ere uzten duenean, zer pasako da? Hutsik geratzen ari dira". Jende falta baserrietan, eta aldi berean, gazte dezente nabari ditu Artolak bertako lanera hurbiltzeko prestutasunarekin. Eta interesa izanez gero baserriko lanari heltzeko, jende horri sarbidea ematea da berarentzat auziari heltzeko alternatiba erreala. "Gazteak gogoz badira, alokairuan lurrak ematea edo dena delakoa adostu beharko da". EHLGren dinamika begi onez ikusten du; are, bera ere horretan pentsatzen hasita dagoela aipatu digu. "Ez dago beste modurik", dio. "Kanpoko norbait hartzerakoan ezin duzu jakin nola joango diren gauzak, baina datorrena ezezaguna izanik ere, tarte batean lagunduta eta apurka ikusita nola moldatzen den, urratsak eman daitezke, honek guztiak jarraipena izan dezan". Gogoa eta indarra duen gaztea, halere, ez da libre izango baserritarren ofizioak bizi duen estualditik: "Lan asko dago eta jende gutxi, beraz, makina asko sartu behar dira, eta inbertsioa errentagarria izan dadin nonbaitetik etekina atera behar da ezibenbestean".
news
argia-02f6fb55f2a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/ricardo-gomez-filologoa.html
"Euskara arkaikoa aztertzeak hizkuntzari buruzko interes intelektuala asetzeko balio du"
Miel Anjel Elustondo
2017-09-03 00:00:00
"Euskara arkaikoa aztertzeak hizkuntzari buruzko interes intelektuala asetzeko balio du" Horra irakasle atsegina euskararen gramatikaz mintzo, honetaz eta hartaz, orain baino lehen duela bi, hiru eta lau mende gure Astarloak, Zabalak, Larramendik eta bestek esan zituztenak aztergai. Filologo petoa lanean, ikasle gazteak treba daitezen, interes intelektuala izan dezaten. Bilbotarra, Euskal Filologia ikasketak Gasteizen egina. Seminario zaharrean. 1987an ikasketak bukatu, eta fakultate berri honetan ginen hurrengo urtean. Koldo Mitxelenaren eskolen atzetik etorri nintzen Gasteiza, baina hura beti ari zen eskolak maila bat goragoan ematen. Inoiz ez nuen irakasle izan. Laugarren mailan nengoela erretiratu zen, eta bukatu nituen urtean hil zen. Nahiago nukeen eskolak eman izan balizkit. Beragatik etorri nintzen ni hona, neurri batean, bederen. Zer esan nahi du "neurri batean"? Deustun bizi nintzela, eta eskueran nuela hango unibertsitatera joatea. Baina Koldo Mitxelena hemen ari zen irakasle, eta nik harekin nahi nuen. Hasteko, euskararen militantziak jarri ninduen Euskal Filologia egiteko bidean. Hala ere, garai hartan Etnografia ikasketak egin nahi nituen, Deustuko Bihotz Alai dantza taldean ari nintzen, txistua ere jo nuen geroago. Giro horretan, Etnografia ikasi nahi nuen, baina, horretarako, gertuen, Parisera joan behar zen. Eta frantsesa ikasi, eta ez nekien frantsesik. Zertan zen Deustuko Bihotz Alai talde hura? Hara baino lehen, 14 urte nik, San Ignazio auzoko Goierri dantza taldean ibili nintzen. Bizpahiru urte han egin eta Deustukora jo genuen Goierriko zenbait adiskidek. Bihotz Alain ziren dantzak erakusten Josu Larrinaga, Edorta Ialdebere eta besteren batzuk, eta txistularietan, adibidez, Josu Urrutia eta Alex Iribar, bigarrena Deustuko unibertsitateko irakaslea gaur egun. Bihotz Alairen egitasmoa zen dantza jakin batzuk berreskuratzea. Ni sartu aurretik, esate baterako, Lakuntzako dantzak berreskuratu zituzten. Folklore jatorra zen hango asmoa, ez oraingo berrikuntzak, dantza jatorrari aire modernoak eman eta halakoak. Ez, dantzak herriak egiten zituen moduan jasotzea eta dantzatzea zen helburua. Ez dakit harrezkero gauzak aldatu diren. "Euskara ez da berehalakoan hilko, hori ere ez, baina ez dut ikusten geroa erabat ziurtatua, behin eta betiko salbatua" Dantzari zinen, dantzarako ezindua orain. Noizdanik? Dantzarako zailtasunak, betidanik. Jaiotzatikoa dut gaixotasuna eta txikitatik izan ditut eskailerak igotzeko zailtasunak, korrika egiteko. Hala ere, dantza jakin batzuk egin behar eta moldatzen nintzen. Baina berehala ikusi nuen ezin nuela gainerako dantzarien erritmoa jarraitu eta, orduan, dantza utzi eta txistua hartu nuen. Kar, kar… Noiz diagnostikatu zizuten gaitza? Txikitan, noiz izan zen ez badakit ere. Gurasoek kontatua dakit. Nonbait, Madrileraino joan ginen, La Paz ospitalera, eta hantxe diagnostikoa: gerri distrofia, beso-hanketako giharren distrofia. Gaitz progresiboa da. Bi makuluren gainean zinen duela hogei urte. Makulurik ez dut inoiz erabili nik. Batek baino gehiagok esaten dit, baina oker zaudete. Jendearen laguntza bai, behar izan dut hona edo hara heltzeko, inoren besotik helduta ikusiko ninduzuen, badaezpada, inork nahigabe bultza eta eror ez nendin. Baina bi makuluren gainean ez naiz ibili ni. Azkenean, errazago mugitze aldera, aulkia hartu nuen. Zer moduz moldatzen zara hesi arkitektoniko artean? Iruñetik, Xanti Begiristainek behin eta berriz eta askotan salatu izan ditu hesiok. Zorionez, gero eta hesi gutxiago daude, nahiz eta oraindik badauden. Hala ere, hesi arkitektonikoei dagokienez, Gasteiz paradisua da. Hainbat taberna eta dendatan arazoak ditut oraindik, baina gainerakoan, erraz Gasteizen. Unibertsitatean eskolak emateko ere erraz? Arazorik gabe. Garai batean, arbela besterik ez zenean, idatzi egin nahi eta zailtasunak. Gaur egun, pantaila eskueran dugunez, ordenagailuan idatzi eta pantaila baliatzen dut. Eskolak emateko eragozpenik ez dut. Tesia egiten ari zinela ez zenerabilen aulkirik. Bukatu nuenean bai. Luze jo ohi du doktore tesiak, horratik. Nire kasuan, tesia egiten ari nintzela gaia aldatzea erabaki nuen, eta horrek are gehiago luzatu zuen epea. Erronkarierari buruz hasi nintzen ikertzen, erronkarierazko testu guztiak bildu, aztertu eta editatzea zen nire asmoa. Hasi nintzen, baina eskolak ere eman behar nituen, urtetik urtera irakasgaia aldatzen zidaten, gai berria prestatu beharrean ni beti, eta egoera hartan ezin tesia aurreratu. Bestalde, erronkarierari buruz ikerketan hasi eta Bonaparteren lanekin egin nuen topo berehala. Haren hizkuntza ideiak aztertzen hasi nintzen, besteak beste, eta nire lehen artikulua, luzea, izan zen emaitza. Horrela, bata dela, bestea dela, tesiaren gaia aldatzea erabaki nuen, eta hizkuntzaren historiografiara jotzea. Argazkia: Zaldi Ero. "XIX. mendeko euskal gramatikagintzari buruzko ikerketak", zure tesiaren izenburua. XIX. mendeko gramatikariek euskara nola deskribatu zuten aztertu nuen. Asko interesatzen zait aztertzea nola moldatu ziren gramatikari zaharrak euskara latinaren eta inguruko hizkuntza indoeuroparren ereduaren arabera deskribatzen. Hain hizkuntza ezberdinak izanik euskara eta indoeuroparrak! Eredu horren egokitzapena, besteak beste, euskararen kasu-sistemari edo euskal aditzari dagokionean. XVII. eta XVIII. mendeetan ere gramatikariek arazoak izan zituzten euskara deskribatzeko, baina XIX. mendean saltsa handiagoa dago, teoria eta autore gehiago. Hizkuntza ideiei dagokienez, Astarloa eta Juan Mateo Zabala aztertu zenituen, adibidez. Juan Mateo Zabala, tesia egin ondoren, batez ere. Adibidez, Zabalak Astarloaren Apología [de la lengua Bascongada] lana ezagutzen du, baina ez egile beraren Discursos filosóficos , Astarloaren lan nagusia eta bere hizkuntza ideiak benetan garatzen dituen lana, askoz geroago argitaratua delako. Zabalak, orduan, Astarloaren arabera jokatu ezin zuenean, Larramendirengana jo zuen. Zer du Larramendik, euskararen historia berriaz ari eta beti hain presente? Sekulako iraultza egin zuelako. Kultur euskara ekarri zuen Larramendik. Iparraldean baziren zenbait lan eginak, baina Hegoalde hau nahiko basamortua zen, horrela esaterik baldin badago, behintzat, zerbait ere bazegoen-eta. Larramendik euskara kultur hizkuntza bihurtu nahi izan zuen, eta horretarako egin zituen bere lanak –apologia, gramatika, hiztegia eta beste–, eta jendeak kasu egin zion, idazleek kasu egin zioten, jarraipena izan zuen, eta eragina. Hortik sortu zen literatur gipuzkera eta, neurri batean, literatur bizkaiera, Añibarro, Mogel eta gainerakoek Larramendiri jarraitu baitzioten. Iraultza ekarri zuen Larramendik. Hark asmatuak dira gaur egunean hitzean eta hortzean erabiltzen ditugun zenbait hitz. "Garrantzi", esate baterako. Larramendiren hitz gutxi geratu zaizkigu, gero Sabino Aranaren uholdea etorri zelako. Aranarentzat etsaia da Larramendi, hau espainola delako. Aranarena ez da borroka linguistiko hutsa –hori ere bai, baditu-eta bere gramatika ideiak–, baina Larramendiren hitzak ezabatu egin nahi ditu. Bi gauzak nahasten dira hor. Eskutitz , garrantzi eta halakoren batzuek gaur arte iraun dute baina gehienak errekara bota zituzten Aranak eta aranatarrek. Jakingarria dirudi borroka horrek, interesgarria. Ikasleei ez zaie, bada, askorik interesatzen. Kar, kar… Ikasleetan motibazio falta handia nabaritzen dugu, gure inguruko kulturaren ezagutza txikia, eta irakurtzeko gogo are txikiagoa. Unibertsitatera iritsi eta ez dute euskal literatura klasikorik irakurri. Karrera hasita, irakasleek aginduta irakurtzen dituzten pasarteak izan ezik, ezer ez dute irakurriko. Larramendi aipatu, Axular… eta gehienek ez dakite nor izan diren ere. Zergatik ote motibazio falta hori? Ni Euskal Filologian ari naiz –Euskal Ikasketak du izena orain–, eta dakidantxoa esan nezake. Gure ikasleetan askok filologia ez beste aukeraren bat egina dute lehenengo. Ikasketa haiek egin ezinda geratu eta hasi dira filologian. Batzuk ez dira letrak ikasitakoak ere, zientziak baizik. Hala ere, bertsolaritza gustatzen zaie, edo idaztea, edo euskaltzaleak dira, eta hirugarren edo laugarren aukera izanagatik ere, filologiara etortzen zaizkigu. Euskaraz hitz egiten dute zuen ikasle horiek? Bai, dudarik gabe. Korridoreetan, euren artean, nekez egingo dute gaztelaniaz. Kasu bat ezagutu dut, ikasle batena, salbuespen hutsa. "Ikasleetan motibazio falta handia nabaritzen dugu, gure inguruko kulturaren ezagutza txikia, eta irakurtzeko gogo are txikiagoa. Unibertsitatera iritsi eta ez dute euskal literatura klasikorik irakurri" Hitz beste egin gabe, oraingo ikasle gazteen motibazioa, eta zeurea gazte zinenean… Euskaldunberri –zaharra–, zaitugu. Zein girotan egosi zen zure euskaltzaletasuna? Ez dakit gauza nola sortu zen ere, 1978ko giroa izango zen, beharbada. Ama EAJkoa zen, eta gurasoen lagun batzuk ere bai. 14 urterekin, gurasoen lagun batek irakatsi zigun zerbait. Ikasleetan ginen ama, gurasoen lagun horren emaztea, ni neu, eta ez dakit han besterik zegoen. Irakasle lanak egiten zituen etxeko lagun hura euskaldun jatorra zen, baina ez irakasle trebatua. Borondate handia genuen, hori bai, eta ahal genuen moduan jardun genuen. Hori eta gero, berehala sartu nintzen San Ignazioko gau-eskolan. Han Iñaki Antigüedad izan nuen irakasle. Pila bat ikasi nuen berarekin. Harekin bi urte eta, 16 urte nituela, udan, ikastaro trinkoa eman zidan Juanjo Larreak. Laster nintzen eskolak ematen San Ignazioko gau-eskolan. Baina gauzak aldatu ziren Gasteiza etorri nintzenean Filologia ikastera, eskolak arratsaldez baitziren. Orduan, Santutxuko gau-eskolara jo nuen, Karmelora, eskolak ematera. Goizez gau-eskolan irakasle Bilboko Santutxun, bazkalondoan ikasle Gasteizen. Oso nekagarria zen: San Inaziotik Santutxura joan, eskola eman, itzuli, korrika eta presaka bazkaldu, Gasteiza etortzeko autobusa hartu, unibertsitatea… Urte bat eta nahikoa. 1984an, hirugarren mailan, hona etorri nintzen, eta AEK-n hasi nintzen eskolak ematen. Gero IKA izan zen. Euskal Filologia ikasketak amaitu eta doktorego tesia egin zenuen Beñat Oihartzabalek zuzendurik. Oraindik orain, berriz, besteren tesia zuzendu duzu estreinakoz. Urtzi Regueroren "Goi nafarrera arkaiko eta zaharra". Lehen tesia zuzendu dut, bai, eta ondo atera da. Epaimahaiak gogo onez irakurri zuen, ohar jakingarriak egin zituzten, ez azalekoak, eta oso ondo. Doktoregaiarena izan da lana, nik zenbait gauza antolatzen lagundu diot, bibliografia osatzen, eta erredakzioa bera zuzentzen, denok baitugu joera gauza asko jakintzat emateko, baina beti ez izan horrela. Urtzik lana egin, eta ohi denez, epaimahaiak zorionak bioi! Kar, kar… Zertan laguntzen digu euskara arkaikoak, Artaxoan agertutako esaldi, ezkontza-fede eta gainerakoak egunera ekartzeak? Euskara salbatzeko, esan nahi duzu? Kar, kar… Horretarako ez. Baina hizkuntzari buruzko interes intelektuala asetzeko bai, eta baita gaurko euskara hobeto ezagutzeko ere. Beste hizkuntza guztietan egiten da: hizkuntzaren historia eta bilakabidea aztertu, testu zaharrak analizatu… Euskara salbatzeko, hizkuntza arkaikoa aztertzeak ez du balio, baina, izan ere, hizkuntza bat salbatzeko ez dago modu automatiko eta berehalakorik. Inor ezeren salbamenduaz ari bada, esan nahi du… Arriskuan dagoela. Desagertzeko arriskuan da euskara? Oraindik badu arrisku puntu bat. Batzuetan optimistegiak gara. Ikusi egin behar gazteak zenbateraino dakien, eta zenbateraino erabiltzen duen. Inkestak hor dira, eta emaitzak beti dira, gutxienez, kezkagarriak. Euskara ez da berehalakoan hilko, hori ere ez, baina ez dut ikusten geroa erabat ziurtatua, behin eta betiko salbatua. Inguruko hizkuntzak oso indartsuak dira. Gaztelaniarena ezagutzen dugu hemen, baina Iparraldean, frantsesaren pisua ikaragarria da. Bitartean, zertan dira euskararen gaineko azterketak? Gauza interesgarriak egiten ari dira, aurreratzen. Nik ezagutzen dudan diakroniaren arloan, azken aldian aurkeztu diren tesiek horixe frogatzen dute: Céline Mounole, Julen Manterola, Koldo Ulibarri, Jabier Etxagibel, Manu Padilla, Urtzi Reguero… testu zaharrak aztertzen, argitaratzen… Monumenta Linguae Vasconum taldean ari dira denak, lan ona, edo oso ona, egiten.
news
argia-5d910cc2719b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/1947ko-uholdea.html
Goizuetan lainoa lehertzen duenean...
I�aki Sanz-Azkue
2017-09-03 00:00:00
Goizuetan lainoa lehertzen duenean... Errioan marmitak garbitzen ari zela sentitu zuen Manuelek lehendabiziko ur-kolpea. "Baina zer da hori, olatua?" pentsatu zuen. Bere herrian, Hernanin, tanta bat ere ez zuen bota goiz hartan, Goizuetan ordea "baldeka". Urumea zazpi metro igo zen ia ordubetean eta erasoak sorpresan harrapatu zituen denak duela 70 urteko igande goiz hartan, baita mezan zeudenak ere. Goizuetan lainoa lehertzen duenean... apaizek ere kontuz ibili beharra baitaukate. 1947ko abuztuaren 24a zen, San Bartolome eguna. Goizuetako festen ondorengo igandea. Mañoli Loiartek goizeko sei eta erdietako mezara joateko ohitura zuen, eta egun hartan ere halaxe egin zuen. Meza entzun ostean, Alduntzingo bidea hartu zuen; Goizuetatik atera eta Hernanirako bidean, Urumean behera errepide ertzean dagoen jauregian lan egiten baitzuen markesitentzako neskame. Goizuetan hiru meza izaten ziren igandetan, eta Antonio Elizaldek, zortzi eta erditakora joateko prestatzen ari zela, entzun zituen lehendabiziko trumoi hotsak. Mezaren lasaitasunean, elizaren babesean gutxik esperoko zuen bertatik ateratzean aurkituko zuena: "Gu mezan ginela gailendu zen hura –ekaitzaz ari da Antonio–. Han nonbait, Goizueta gainean, lainoa lehertu ziken. Botatzen zuen... ez euria tza-tza-tza. Zorroan nola ateratzen da ura ontzia hustuta? Horrelaxe!". Plaza urez betetzen hasia zen eta Zubi Haundia urak ia estali zuen. Nola zen posible hura? Ordu bete lehenago oinez pasatzeko moduan zen eta erreka… Arrosa izeneko emakumea Zubi Haundia zeharkatzen saiatu zen, urak gerriraino zituela. Baserrira joan beharra zuela eta erreka pasatzeko modu bakarra hura zuen. "Jendea ujuka hasi huen, ez pasatzeko eta ez pasatzeko. Azkenean mako bati heldu eta pasa zuten. Ura ikaragarrizko indarrarekin zihoan, eta ordurako zubia, plaza eta eliza hartuak zituen. Aldakatarainoko urak eliza barruan Milagros Narbartek ere ez du ahazteko egun hura. Ama oso elizkoia zuten eta eliza urak hartu zuela entzun zuenean, laguntzera joan zen lasterka. "Elizan aulkiak izaten ziren erdiz behera emakumeentzat, erdiz aurrera bankuak, gizonezkoentzat. Aldakataraino iristen zen ura, eta aulki guztiak dantzan zebiltzan uraren gainean. Don Juan parrokoa bizkarrean hartuta atera zuen elizatik Miguel Sukuntza korrikalariak". Plaza urez betetzen hasia zen eta Zubi Haundia urak ia estali zuen. Nola zen posible hura? Ordu bete lehenago oinez pasatzeko moduan zen eta erreka… Denbora gutxian urak herria hartu zuen. Hurrengo egunean Udalak idatzitako agiriak ere hala zioen: "Zazpi metroko altuera hartu zuen urak Goizuetan eta eliza eta plaza aintzira bat bailiran geratu ziren". Milagrosek gogoan du oraindik: "Errekatik ateratako urek olatuak sortzen zituzten plazan, itsasoko olatu hilak bezala, plat, plat.. .etxeen hormen kontra jotzen zutenean." Mañoli Alduntzinen zegoen jadanik, Goizuetatik 2 kilometrotara. Bertan, ez zuten sumatu ere egin euritea. Arduratua zegoen, ordea, markesitak zortzi eta erdietarako mezatik bueltatzen ez zirela ikusita. Ez zuen asko behar izan ezohiko zerbait gertatu zela ohartzeko: "Jauregiko leihotik erreka ikusten zen, gero eta gehiago ura, gero eta gehiago ura... Errekan behera elizako aulkiak eta sepulturak zetozen! Orduan konturatu nintzen, urak eliza hartu zuela". Urumea ziztu bizian zihoan Hernanira bidean: zuhaitzak, abereak... aurrean harrapatzen zuen guztia arrastaka zeraman. Antoniok gogoan du, garai hartan Goizuetan telefono bakarra zegoela. "Hernanira deitu omen zuten, urak hazita zihoazela eta kontuz ibiltzeko. Hernaniarrek, ordea, han eguzkia zela... gero sinetsiko zuten, noski". Errioa olatua bezala Manuel Garayarren aitak Hernaniko Lastaolako zentralean egiten zuen lan, Goizuetatik 26 kilometrora. Eta hantxe, lanean, harrapatu zuten Goizuetatik deitu zutenean. "Manuel, lainoa lehertu duk Goizuetan eta urak hazita zatozek –esan zion aitak–. Kontuz ibili baserrian". Lizarra baserria erriberan zegoen eta kontuz ibili beharra zuten uholdeekin. Ama Donostiako Bretxatik iritsi zenean egunero bezala merkatutik hutsak zekarzkien esnetarako marmitak garbitzera joan ziren. Urumea baxu zetorren eta ez omen zegoen arriskurik. Erriora sartu orduko, ordea, olatu txiki bat sumatu zuen Manuel gaztetxoak. Begirada altxa zuenean ikusi zuen zetorrena: "Olatua bezala, kolpean igotzen hasi huen errioa. Ordu betean urak baserriko kupel guztiak dantzan jarri zizkian eta justuan-justuan ez huen iritsi ukuilura. Lau bat metro igo huen gure inguruan". Bizilagun asko abereak ukuiluetatik salbatu nahian hasi ziren. Luis Elola hernaniarrak ere arriskuan ikusi zituen bere jabetzak, eta etxera igarotzeko Karabeleko zubia gurutzatu nahian urak eraman zuen. Ur-kolpea hiru kilometro beherago dagoen Hernaniko Karabel auzora iritsi zenean, La Voz de España egunkariko kronista trenean zegoen eta "Urumea unean-unean nola igotzen zen" ikusi zuen. Hurrengo egunean gertaturikoaz idatzi zuen: "Minutu gutxian bere ibilgutik ateratzen hasi zen Urumea eta inguruko lur guztiak estali zituen. Karabeleko zubitik atera behar izan nuen, ibaiak zubiaren bi aldeak urez estali baitzituen". Bizilagun asko abereak ukuiluetatik salbatu nahian hasi ziren. Luis Elola hernaniarrak ere arriskuan ikusi zituen bere jabetzak, eta etxera igarotzeko Karabeleko zubia gurutzatu nahian urak eraman zuen. Izan zen hura laguntzeko bizia arriskuan jarri zuenik, baina Luis desagertu egin zen. Igo bezain azkar egin zuen behera berriro ere errioaren mailak. Urak bere tokira bueltatu ziren arren, uholdearen arrastoek egun asko iraun zuten Urumea bailaran, eta urteak, egun hori bizi izan zuten herritarren gogoan.   Biharamuna: amuarrainak erriberako putzu-zuloetan Uholde osteko egunean Goizuetako alkateak agiria idatzi zion Nafarroako Gobernadore Zibilari: "Abere asko itota hil dira, labore asko suntsituak, herriko hiru zentral lohiaz estaliak, etxeak urez beteak eta eliza aintzira bihurtua. Momentu honetan herria urik, argirik eta telefonorik gabe dago. Itxita daude Leitzarako bidea eta Hernanirakoa, herria guztiz isolatua geratu da: 4 milioi pezetako galerak izan dira. Herritarrak zerbitzu guztiak ostera ere martxan jartzeko ahaleginetan ari dira, bai eta zentralak garbitzeko lanak egiten ere." Jose Antonio Apezechea ere ibili zen zentralak garbitzeko lanetan. "Uholde hori batzuentzako txarra zen, baina gu bezalakoentzat, ona. Jende asko zen orduan lanik gabe, eta jornalak oso baxuak ziren". Gogoan du Goizueta eta Leitza artean zazpi puntutan puskatu zela errepidea. "Hilabeteko jornala 16 pezeta gehi soldata bazen, uholdearen ostean bost duro ordaintzen hasi ziren eguneko; sekula harririk ikusi ez zutenak ere harginak ziren orduan". Goizuetarrak eta Leitzarrak ibili ziren konponketa lanetan baita aranaztar eta lesakarrak ere, "denentzat jornala bazen orduan". Hernani inguruan ere ez zen nolanahikoa izan biharamuna. Manuel Garayarren erriberan landaturiko lupulu eta uzta guztiak galdu ziren. Arreta deitu ziona, ordea, elektrizitateko posteen kontra zegoen egur pila zen, "meta bezala, baserrirako urte osorako egurra bildu genian". Sekula ahaztuko ez duena, ordea, erriberako putzu-zuloena da: "Ura jaitsi huenean, putzuak geratu hituen punturik baxuenetan, eta putzuetan amuarrainak! Eskuz harrapatzen ibili ninduan", kontatu digu barrez. Karabel auzoan goiza tristeagoa izan zen. Luis Elolaren gorpua errio ertzean azaldu zen goizeko lehen orduan, itota.
news
argia-82e365b4c1f3
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/estiu-1993.html
Urteko sorpresa Kataluniatik etorri da
Gaizka Izagirre
2017-09-03 00:00:00
Urteko sorpresa Kataluniatik etorri da Harridura, zoriontasuna, samurtasuna, tristura... sentimendu horien zurrunbiloan sartu naiz. Ez nintzateke gai izango, zinema areto batetik irten ostean "benetako zinema ikusi dut" esaldia azkenekoz noiz esan ote nuen asmatzen. Baina Carla Simón-en lehen lana ikusi ostean, Estiu 1993 (1993 udara) zutik jarri eta txalotzea besterik ez zait geratzen. Iberiar Penintsulan azken hiru urteetan egin den film onena dela esango nuke eta momentuz, 2017an ikusi dudan lan sendoena. Ahozabalik uzteko moduko lana egin duen Laia Artigas hasiberriak, Frida izeneko pertsonaia gorpuzten du. Orain dela urte batzuk bere aita eraman zuen birus berberak –ez da zehazten, baina nabarmena da zein birus den–, oraingoan amaren bizitza ere betiko itzali du. Abiapuntu horretatik, Carla Simonen kamera Fridaren ikuspuntuan kokatzen da eta hortik aurrera etorriko zaion bizitzaren testigu bilakatzen gaitu hasieratik. Bertan egongo bagina bezala sentituko ditugu ezkutuko elkarrizketak, egunsentiko purrustadak, ulermen keinuak, arbuioak edo haur-parkean gertatzen den sekuentzia ahaztezin bat. Filma ohikoa ez den sentikortasun maila batetik igarotzen da etengabe, larritasuna, barrea eta negarra eszena desberdinetan banatuz. Haurtzaro gogor horren erradiografia hori egiteko, gainera, ez da inongo momentuan sentimentalismo errazean erortzen. Zinemaren hizkuntzak eskaintzen dituen erreminta guztiak modu sotil eta oso eraginkorrean erabiltzen baititu. Planoen egitura perfektu batekin jolastuz eta Victor Erice handiaren pintzelkadak dituen argiztapen naturala erabiliz, momentu batzuetan Frida garela sentituko dugu, baina besteetan aldiz, bere familia berria. Ama, aita, ahizpa txiki ahaztezin hori. Ez dago manikeismoetarako tokirik, tragedia batetik loratu den eta giza-erlazioek eskain diezaguketen konplexutasun horretarako ordea bai. Filmaren barruan bageunde bezala biziko dugu Fridari gertatzen zaiona, Laia Artigas aktorearen lanari esker Telefonoaren sekuentzia latza adibidez. Sinplea dirudi, bai, inuzentea, baina pertsonaia nagusiaren barrenean, inflexio puntu bat markatuko du. Bi ume, telefonoarekin jolasean, galdu berri duen amaren etxera deika. Tonu bat bi, hiru… bost… telefonoaren beste aldean ez dago inor. Sei urteko ume horrek ez du erantzunik jasotzen. Tonuak isiltasunean galtzen dira; neskak ez du telefonoa inongo momentuan askatzen. Hitzik ez, negarrik ez, keinu txiki bat soilik, baina momentu horretatik aurrera Frida beste ume bat izango da. Beno, berbera, baina errealitateaz geroz eta kontzienteagoa den umea. Bere gurasoak ez ditu sekula berriro ikusiko eta Bartzelonan zuen bizitza betiko amaitu da. Victor Erice aipatu dut. Baina ez estetika natural horrengatik bakarrik, edo protagonista baserri-girora moldatu beharko den umea delako; 1973ko El espíritu de la colmena -ren pintzelkadak dituen kontaketa zoragarri hau keinu txikiz osaturiko maisulan bat delako baizik. Eta batez ere, Ericeren lanetan bezala, esaldi txikiz osaturiko egoera xumeek hausnarketa erraldoiak eragiten dituztelako. Gauza garrantzitsu guztiak ez dira hitzen bidez esaten, ikusleak interpretatzen ditu, aipaturiko tresna zinematografikoen batuketa eginez. Umeak "helduak" izatera jolasten; basoan ezkutaketan ari diren une beldurgarria; bigarren planoan ikusten den koltxoia; ama "berriaren" begiradak; aitona-amonak kotxean doazen unea; eta batez ere amaiera. A ze amaiera. Familia arteko jolas batetik hasita, oilo ipurdia jartzeko gai den une horretara eramaten gaituzten arte. Berriro ere, hitzik erabili gabe, sentimenduen eztanda. Laia Artigas ikaragarri, sekuentzia horrek eskatzen duen maila aise gaindituz. Aurreko bizitza batean aktore gisa hogei urte lanean aritu izan balitz bezala. Pantaila belztu eta 96 minutuak pasa direla ohartu naizenean, zinemaren lurrinak airean jarraitzen zuela sumatu dut, eta hori, gauden garaian egonda, gauza zoragarria da.
news
argia-448cb9c6b72f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/publikoaren-gustukoa.html
Publikoaren gustukoa
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-09-03 00:00:00
Publikoaren gustukoa Orkestra sendo bat, Donostiako publikoak ezagutzen duen zuzendaria, egitarau erakargarria. Den-dena puntu-puntuan Musika Hamabostaldiari hasiera emateko. BBC Philharmonic Orchestrak ibilbide potentea dauka,  honi gehitzen badiogu gure Juanjo Mena zuzendari gasteiztarra zuzendari titularra dela 2011. urteaz geroztik, normala da jendez gainezka egotea Kursaal Auditorioa bi saioetan (batez ere bigarrenean). Emaitza, ona, besterik gabe. Inpresio izugarria eman zuten lehenengo egunean, kontuan harturik bakarlaria gure Asier Polo biolontxelo-jotzaile bilbotarra zela. Gaur egun instrumentu honetako bakarlari onenetakoa da Polo, dudarik gabe, eta halaxe frogatu zuen Edward Elgar-en Biolontxelorako mi minorreko op. 85 kontzertua interpretatzerakoan. Doi-doia baina inoiz koadratua, fraseaketaren malgutasuna mantenduz beti, bertsio nolabaiteko fantastikoa egin zuen, dotorea eta teknikoki bikaina. Propina oparitu zuen Polok: Gaspar Cassadó-ren Fantasia-suite -aren Preludioa, ederra. Lehenengo egun honetako bigarren zatian orkestrak txundituta utzi zuen publikoa Berlioz-en Sinfonia fantastikoa, op. 14 obrarekin. Menak jakin zuen zati bakoitzaren nortasuna ederki kanporatzen. Orkestraren familia guztiak luzitu ziren lan honekin eta txalo sorta ederra lortu zuten. Hurrengo eguneko saioak ez gintuen hainbeste emozionatu. Kontzertu bertsioan egindako opera ez da erraza, ez interpreteentzat, ez publikoarentzat. Argudioari jarraitzea konplikatua egiten da antzezten ez delako. Bestalde, soinu bolumenen arteko oreka mantentzea ia-ia ezinezkoa da orkestra eta interpreteak maila berean daudelako –fosoan dagoenean orkestrak ez du ahotsa "jaten"–. Beraz, ezingo genuke esan saio txarra izan zenik, baina ezta guztiz bikaina ere. Bakarlarien lana zuzena izan zen. Ricarda Merbeth, Leonore-ren rolean, taxuz aritu zen; Louise Alder-ek, Marzelline-ren paperean, berriz, ez gintuen gehiegi konbentzitu. Bestalde, gizonezko ahots izugarriak izan genituen: James Creswell, Rocco-ren rolean boteretsu eta konbentzigarria aritu zen; Detlef Roth baritonoak txukun egin zuen Don Pizarro-ren papera, eta David Soar baxuak biribildu egin zuen Don Fernando-rena. Azpimarratu behar dut, honez gain, Donostiako Orfeoiaren lana, doi-doia. n
news
argia-dd6534c9818d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2564/autonostalgia-ariketa.html
Autonostalgia ariketa
Dabi Piedra
2017-09-03 00:00:00
Autonostalgia ariketa Kargak & Deskargak ikuskizun ibiltariaren azken saioaren kronika. Bilbon, abuztuaren 22an. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala eta Rafa Rueda. Josu Zabala musikaria eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak lehendik ere ikusiak genituen oholtzan elkarrekin, 7 Eskale eta Gu Ta Gutarrak taldeen garaian. Uda honetan abiatu duten proiektuan bi fitxaketa egin dituzte: Rafa Rueda eta kartoizko kutxa misteriotsu bat. Herriz herri kutxa hori eramateko aitzakiarekin, Kargak & Deskargak ikuskizunaz gozatzeko aukera eman diote Baionako, Gasteizko, Ondarroako, Lizarrako eta Bilboko publikoari. Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusia izan zuten azken geldialdia. Kalez kaleko ibilbidean, adin guztietako entzuleak izan zituzten lagun. Bi bertsolari tartean egonik, bat-batekotasunik ez zuen falta izan ikuskizunak. Eszenaratzeak ere inprobisatuaren tankera hartu zuen askotan, baina itxura hutsa baino ez da hori, ondo pentsatua eta landua da Kargak & Deskargak. Bestela, ezinezkoa izango zen ia hiru orduz jendea adi-adi segika izatea. Lau protagonistek bikain zukutu zuten beren ibilbide luzean ikasitako guztia eta publikoarekin konektatzen asmatu zuten. Lehenengo geldialdia Santiago katedralaren plazan egin zuen laukoteak. Han erdian jarri zuten bosgarren protagonista, kartoizko kaxa, Lizarrako saioan batutako opari misteriotsuz betea. Giroa berotzeko, Sweet home Alabama doinuarekin kantari hasi ziren Elortza eta Iturriaga, eta doinu hain amerikar hori koplatarako egokia dela erakutsi zuten. Bertsotan maiz aritu ziren, gai ugari ahotan hartuta: Aste Nagusiko ospakizunak, Marijaia, Hontzak konpartsan ertzainak sartu zirenekoa, adar-jotzeak... Kargak & Deskargak beraientzat zer izan zen azaltzeko tartea ere hartu zuten, Bilbokoa azken saioa zela jakinik. "Kargak eta Deskargak, hiltzekotan inon; Aste Nagusian hil, nahi genuen Bilbon", biribildu zuen bertsoa Elortzak. Josu Zabala eta Rafa Rueda ez zeuden, ordea, bertsoei musika jartzeko soilik. Mungiarrak ikuskizun honetarako propio sortutako abestia jo zuen eta Josu Zabalak iluntze hartako une gogoangarrietako bat utzi zigun: Areatzako zubipeko estuasunean jauzika eta dantzan jarri zuen jendea, Hertzainak taldearen kontzertuen garaira bueltatu bagina bezala. Pixkanaka, tonu nostalgikoa hartzen ere hasi zen ikuskizuna, baina gaurkotasunari begirik kendu gabe. Bunker itxurako eszenatoki inprobisatu hartan "Bilboko euskaldunen babeslekua" ikusi zuen Iturriagak. Algara konpartsaren txosnan izan zuen errematea iluntze hartako zitak, doinu zahar eta bertso berrien artean. Geroxeago Bilboko zerua argitu zuten su artifizialek bezala, azken traka bukaeran izan zuen ikuskizunak. "Autonostalgiko" jartzeko baimena eskatu zuen Elortzak eta publikoak gustura hartu zuen proposamena. Euskal kantutegiko abesti ezagunetako esaldiekin kopla berriak josi zituzten, konposizio eder bezain harrigarria izan zen. Ariketa autonostalgikoak goia jo zuen Gora Gu Ta Gutarrak abestiaren bertsio gaurkotuarekin, Xanpe bateria jolearen parte-hartze eta guzti. Lizarratik ekarritako kutxa ere ireki zuten behingoan: Ardoa, liburua eta Lizarrako jaietako zapia, horiek ere eman zuten adar jotzerako aukera. Kargak & Deskargak bukatu da, baina asmoa, behintzat, betetzat jo zuen Elortzak: "Ondo pasatzea baino, ez genuen helburu; eta lortu dugu".
news
argia-bdb0720dd672
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/maddalen-arzallus-eta-ramuntxo-christy.html
"Euskara plazara ateratzea da Xilabaren funtzioa, bertsozaletzea baino gehiago"
Nerea Ibarzabal
2014-11-16 00:00:00
"Euskara plazara ateratzea da Xilabaren funtzioa, bertsozaletzea baino gehiago" IV. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren (Xilaba) finala datorren azaroaren 15ean jokatuko da Baionan. Eneritz Zabaleta, Sustrai Colina, Odei Barroso, Xumai Murua, Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy lehiatuko dira bertan. Finalera lehen aldiz iritsi den Christyrekin eta bigarrenez joango den Arzallusekin hitz egin dugu. Nola sumatu duzue zuen burua Xilaban? Maddalen Arzallus: Lehenengo saioarekin oso gustura geratu nintzen, bertsoen kalitatea kontutan hartu gabe, besterik gabe, gustura kantatu nuen. Bigarren saioarekin, erdizka… zortziko txikian pixka bat zulora erori ginen eta horrek asko iluntzen dit beste saio guztia. Baina hotzean pentsatuta, jakinda ez zela nire bizitzako saiorik onena izan, nahiko gustura geratzeko moduko saioa izan zen. Ramuntxo Christy: Bi saioetan arrunt desberdinki sentitu naiz. Aiherrako saioan zinez xapelketako saioa egin nuen, xapelketak ematen duen formatuari jarraituz, eta oso saio serioa atera zen ene ahotik. Normalean beti umoretik jotzen dut, eta pena horrekin atera nintzen, nahiz eta saio oso ona egin. Aiziritzekoa bertso maila aldetik beherexeago aritu arren, pozten naiz umoretik gehiago aritzea lortu dudalako eta nire izpiritua saiora ekartzea lortu dudalako. Bertsozaleek ondo erantzun al dute? M. Arzallus: Aurtengo Xapelketan finalaurrekoetan eta finalerdietan aurreko urteetan baino jende gehiago bildu dela uste dut, bola handitzen doala iruditzen zait. Ikusiko dugu finalean zenbat biltzen garen. R. Christy: Nik parte hartu dudan saioetan jendeak ondo erantzun du. Jende multzo ederrak bildu dira saio guztietan lehen kanporaketatik. Xilabak zer funtzio betetzen du Ipar Euskal Herrian? M. Arzallus: Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat ez da beti erraza izaten euskaldun izatea eta euskaraz hitz egitea. Nik ere onartzen dut Hendaian nagoenean ogia erosterakoan edo publikoki hitz egiterakoan frantsesez egin beharra daukadala derrigorrez. Xilabak mugimendu txiki bat ekarri du, bi urtean behin behintzat euskaldunak elkartzea errazten duena. Herri Urratsek edo Nafarroaren Egunak eman diezagukeen bizipoz hori sentitzeko beste aukera bat da, inolako oztoporik gabe euskaldun sentitu gaitezkeen momentu bat. R. Christy: Xilabaren funtzioa euskarari plazan leku bat ematea da. Eskoletan, ikastoletan... denak daude euskararen alde, baina hezkuntzatik edo euskal elkarteetatik aldentzen bagara,  gero eta urrutiago entzuten da gure hizkuntza. Bertsolaritzak lehen baldintza du euskara, eta Xilabaren bitartez plazara ateratzen da. Gero jendea bertso zaletzea ere badu helburu, baina lehenik jendeak euskara entzutearekin goza dezala. Xapelketarik ez den urteetan, nabaritzen al da gorakadarik saio edo zaleen kopuruan? M. Arzallus: Iparraldea ez da Gipuzkoa edo Bizkaia, baina gazteak joan dira pixkanaka bertso zaletzen. Batez ere eurengan sumatzen dut zaletasun berri hori. Iparraldeko euskarazko eskaintza huskeria izan ohi da, eta bertsoak ezinbesteko baldintza euskara duenez, hein handi batean horregatik hasi da jendea bertsoa jarraitzen. R. Christy: Azken urteetan Xapelketari esker hasi dira saioak pixka bat emendatzen. Badira saio finko batzuk herriko festetan, elkarteek edo ikastolek antolaturik, urtez urte egiten direnak. Baina egia da Xilaba igarotakoan saio gehiago izaten direla, bertsolariak berriro atera baikara plazara. Hor ageri da bertsoak pisu gehiago hartzen duela. Epe luzerako balio ez arren, pixkanaka badoa. Nola jaso duzue bertsozaletasuna zuek? M. Arzallus: Nola hasi zen ez dut gogoratu ere egiten. Aitak oso txikitatik kantatu izan dizkigu bertsoak. Gogoan dut bertso saioak entzutera joaten ginela, aitaren Nafarroako Txapelketako saioak esaterako, edota etxean gelditzen ginenetan irratitik entzuten genituela. Txirritaren, Xalbadorren eta Xenpelarren bertsoak asko kantatzen genituen autoan (Frantses euskaldun bat, Orioko balearenak…). Gero Hendaiako bertso eskolan hasi nintzen bederatzi urterekin, eta hantxe jarraitu dut. Duela lauzpabost urte bertsolaritzatik zertxobait urrundu nintzen, baina berriro itzultzea erabaki dut. R. Christy : Ene belaunaldiko bertsolariak baino beranduago hasi nintzen ni, duela hamar bat urte. Baina egia erran, Mauleko bertso eskolan hasi aitzinetik bestetan eta lagunartean jostatzen ginen bertsoak kantatzera edo bertsolariak imitatzera. Aiherran bada tradizioa, eta bertsoak entzuteko parada dugu urte osoan. Herriko saioetan hasi nintzen gai-emaile, eta gehiago sakonduz joan naiz pixkanaka. Zerk bultzatu zaitu berriro bertsotara itzultzera, Maddalen? M. Arzallus: Nik esango nuke, hasteko, denborak. Utzi nuen denbora behar nuelako, eta pixka bat gustua galduta niolako bertsoari. Bestetik, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiak ere har hori piztu zidan. Publikoan entzule gisa sarri egon nintzen, eta gaiak entzunda ideia asko zetozkidala sumatzen nuen, beti baneukala zeresana. Zuen egunerokotasunean, zer leku hartzen du bertsoak? M. Arzallus: Sekula ez du bere lekua galdu. Ez naiz saioz saio ibiltzen diren horietakoa, baina adi nago bertsolaritzan zer gertatzen den, eta bertso zaharrak irakurtzen ditut. Bertso eskolara ere noizean behin joaten naiz… eta gero, noski, bada gure etxean askotan ateratzen den gai bat. R. Christy: Lehen leku handiagoa hartzen zuen. Bertsotan hasi nintzenean, Joanes Etxebarria, Xan Alkhat…  buru-belarri sartu ginen mundu horretan. Bertso eskolara joaten ginen astero eta irratsaio bat ere egin genuen Euskal Irratietan, Punttuka izenekoa. Garai hartan bertsoak egunero entzuten nituen, irratia tarteko. Orain biziak beste gauza batzuetara eraman gaitu. Noiz, nola, norekin… entrenatzen duzue? M. Arzallus: Senperen dagoen bertso eskolan elkartzen gara Xapelketan parte hartu dugun asko: Odei Barroso, Xumai Murua… Horrez gain, bakoitzak bere etxean egiten duen prestakuntza ere badago. Hor ez da jakiten sekula ongi ari zaren edo ez. Egia esan, batzuetan zaila izaten da jakiten zer egin behar den bertsotan entrenatzeko. R. Christy: Mauleko bertso eskolan entrenatzen dut duela zortzi urtetik. Joanes Etxebarria, Xan Alkhat, Mixel Etxekopar, Pette Etxebarria eta bostak aritzen gara. Urtean zehar taldea mantentzea lortu dugu, giro onean. Denok bilatzen dugu zerbait bertsoan eta ondo konpontzen gara. Xapelketan zehar ez gara besteetan baino maizago geratzen, ni aita izango naiz aurki eta Xanek ere bigarren alaba izango du negu honetan… Uste dut horrek ere urrundu gaituela pixka bat. Zer behar duzue bertsotan gustura egiteko? M. Arzallus: Egun horretan burua zentratuta izatea, horrexetara egotea. Bestalde, publikoak ere asko aldatzen du egoera. Parean publiko hotza edo erraz pizten den publikoa izan, aldea dago. Gero kideak, gai-jartzailea… faktore asko daude, baina batez ere publikoak eragiten dit asko. R. Christy: Lasaitasuna behar dut lehenbizi, baina publikoak berotzen nau ni ere. Berdin du bertso eskolako lauak badira ere. Publikoari eskaini nahi diot zerbait, eta gustura daudela sentitzeak indarra ematen dit. Zer da elkarren bertsokeratik gustatzen zaizuena? M. Arzallus: Ramuntxo gutxitan entzun dut egia esan, gai-emaile gisa gehiagotan izan baitut orain arte. Baina aurten nire saioan entzun dut, eta agian besteena baino arreta handiagoz jarraitu dut bere saioa. Ideia berriak dauzka, freskotasuna. Askotan txikitatik bertso eskolan gabiltzanok nahi gabe modelo batzuk izaten ditugu, eta zaila izaten da horietatik ateratzea. Bera berriagoa delako edo, askoz ideia freskoagoak sumatu nizkion, eta umoretik asko jotzen du. R. Christy: Maddalenek beti ateratzen ditu espero ez diren ideiak, eta hori dut gustukoen. Ez bertsoaldi guztietan, baina mementu batean beti aterako du ideia bat aurretik ikusi gabea. Horrek ematen dio berezitasuna berari. Oholtzara igo orduko eta ondorengo ohitura edo maniarik ba al duzue? M. Arzallus: Azken aldian etxetik atera aurretik txakurra ukitzen dut. Orain dela gutxi Ametsek ezagutu du eskizofrenia duen mutil bat, eta nik ere asko entzun dut berari buruz. Buruan zeukan sartuta edozein txakur ukituz gero, zorte ona emango ziola. Eta nik ere, badaezpada, saiora joan aurretik ukitu egiten dut. Nork daki... R. Christy: Beste guztiak bezala, saioaren aurretik komunera joaten naiz. Zertara zoazte finalera? M. Arzallus: Nire buruarekin gustura geratzera. Txapelketa hasi denetik joan naiz horretara, postuak ez dit gehiegirik axola. Aurkeztu banaiz, oholtzan ondo sentitzeko izan da, eta lasai kantatzeko. Gero zerbait aportatu badezaket, hobeto. Sufritu gabe kantatzera noa. R. Christy: Beti bezala, publikoari zerbait ematera joango naiz.
news
argia-bc5794370e9d
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/txupagol.html
Txupagol
Edu Zelaieta Anta
2014-11-16 00:00:00
Txupagol 6-7 urteko neskatxa-mutiko batzuekin jolasean nenbilela aditu nuen hitza lehengo aldian: txupagol. Sentsazio bitxiak ernarazi zizkidan aspalditik entzuna ez nuen solasak. Hala, esaterako, ziplo ohartu nintzen hitza ez zela gure haurtzaroarekin batera desagertu, eta oraindik ere indarrean dagoela. Aitor dut: deskubrimendua izan zen niretzat. "Txupagolek ez du balio", salatu zuen haur batek oihuka. Izan ere (ate bakarrean ari ginen eta), ate ingurutik aldentzen ez zen mutiko batek gola sartu berria zuen, ia zirkinik ere egin gabe: baloia hanken parera ailegatu, bultzadatxo bat eman eta gola. Futbolik gabeko futbola, gol tranpatia. Helduen mundura etorrita, hainbat agintari txupagol ikustera ohitu gara azkenaldian. Norberak gola sartzea da kontua, berdin dio nola, eta nori. Mutikoari ez zioten txupagolarena onartu eta, ondorioz-edo, eskolako patioko beste jolasgune batera joatea erabaki zuen. Hortxe hasi zitzaidan gogoa (berriz) umetzen, ametsetan: jendarte justu eta antolatu batek bidaliko ahal ditu politikari txupagolak (eta txupategiak!) herriaren sosetatik aparte.
news
argia-d9074baacf6f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/korrikak-denon-ahalak-bildu-nahi-ditu.html
Korrikak denon ahalak bildu nahi ditu
Onintza Irureta Azkune
2014-11-16 00:00:00
Korrikak denon ahalak bildu nahi ditu Euskahaldundu! dio Korrika 19ren leloak. Antolatzaileek Korrika 18n Amets Arzallusek esandako hitzak ekarri dituzte gogora: "Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen", eta orain honela berretsi nahi dute: "Herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu". Ahalak duen garrantzia azpimarratu nahi dute 19. edizioan, Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalak batzera bultza nahi dute. 2015. urteko martxoaren 19an hasiko da jendea ttipi-ttapa Urepelen eta hil bereko 29an Bilbon egingo da bukaera ekitaldia. Korrika 19k Durangoko Azoka omenduko du. Izan ere, 2015ean 50 urte beteko ditu eta euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgunea elkarlanaren balioen erakusle argia dela uste dute.     AEK-ko 100 euskaltegi eta gau eskola ingurutan 500 ikasle ari dira euskara ikasten. Antolatzaileek Korrika 19ren aurkezpenean gogorarazi dute Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako euskaltegien egoera larria dela, administrazioen aldetik diru-laguntzarik ez dutelako. 19. edizioari esker bildutako dirua euskaltegi horietara bideratuko da zuzenean. Dena den, azpimarratu dute EAEko egoera ere erabat okertu dela azken urteotan krisialdi ekonomikoaren aitzakian.
news
argia-fc38895ac911
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/demostenes-politikari-ustelen-aitzindari.html
Demostenes, politikari ustelen aitzindari
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-11-16 00:00:00
Demostenes, politikari ustelen aitzindari Atenas, K.a. 384. Demostenes jaio zen, Atenasko politikari garrantzitsua eta historiako hizlari nabarmenetakoa. Bere karrera distiratsuan, ordea, itzalak ere izan zituen, Aulo Gelio idazleari jaramon eginez gero behintzat. K.o. II. mendeko erromatar idazleak, Noctes Atticae (Gau atikarrak) lanean, Cristolao greziar filosofoari egozten zaion kontakizun bat jaso zuen, Miletoko enbaxadoreen eta Demostenes hizlariaren historia izenburupean. Kontakizunak dio behin Mileto hiritik diplomazialari talde bat Demostenesgana joan zela, laguntza eske eta estatu kontu bat azaltzera. Miletoarren alde hitz egiteko kontratatu zituzten abokatuen azalpenak entzun ondoren, Demostenesen erantzuna gogorra izan zen; Miletoko herritarrek ez zuten merezi inolako laguntzarik. Bileraren norakoa ikusirik, elkarrizketari berriro biharamunean heltzea erabaki zuten. Hurrengo bileraren zain egon gabe, gau hartan bertan, Miletoko ordezkariak Demostenesen etxera joan ziren, politikariari biharamunean miletoarrei buruz gaizki esaka jarraitu ez zezan eskatzeko. Bisitarien nahia betetzeko baldintza ekonomikoa jarri zuen Demostenesek; enbaxadoreen eskatutakoa ordaindu zioten atenastarrari, hark ezer txarrik esango ez zuela hitzeman ondoren. Eta hitza bete zuen, modu bitxian izan bazen ere: lepoko luze bat lepoan bilduta azaldu zen bilerara –beste iturri batzuek diote burua kapa batez estalita zeramala– eta eskuaz ahoa estali zuen, anginen erruz hitz egiteko gai ez zela adierazteko. Bertaratutako guztiek ez zuten aitzakia faltsua sinetsi eta baten batek aurpegiratu zion anginak ez zirela benetan hitz egiten uzten ez ziotenak, isilik egoteagatik jasotako zilarrak estutu ziola eztarria. Kontakizuna ez da hor amaitzen. Beste egun batez Desmostenesek Atenasko Aeistodemo aktorearekin egin zuen topo. Politikariak emanaldi jakin batengatik zenbat diru jaso zuen galdetu zion eta tragedietako aktore ezagunak "talentu bat" erantzun zion. "Bada nik, askoz gehiago jaso nuen isilik egoteagatik", erantzun omen zion Demostenesek. Horrenbestez, zuzentasunagatik nabarmendu zen politikaria historiako lehenengo ustelkeria kasuetako baten protagonista izan zen. Egia esan, Aulo Geliok berak Noctes Atticae lanean bertan jasotzen duenez, Kaio Senpronio Grakok oso antzeko historia –historio berbera ez bada– kontatu zuen beste politikari atenastar bati buruz, Demadesi buruz. Demadesek ez zuen Demostenesen osperik, politikari traidorea eta eskrupulurik gabea zen garaikideen begietan. Orduan, posible al da izenak nahastea eta Demostenes ustez garbiari Demades ustelaren bekatua egotzi izana? Esperientziaren arabera, posibleagoa da biak ustelak izatea. Demostenesena idatziz jasotako ustelkeria kasurik zaharrenetakoa da, baina horrek ez du esan nahi lehenago jaso gabekorik izan ez zenik. Ziurrenik Demostenes ez zen lehena izan. Eta, esan beharrik ez dago, azkena ere ez.
news
argia-ea0f5e1c2f75
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/jabier-kaltzakorta.html
null
Miel Anjel Elustondo
2014-11-16 00:00:00
[Grabagailua lanean jarri orduko]. Euskara batuan egingo dizut, transkribatzeko problema gutxiago izan dezazun. Euskaltzain kutsua duzu hori. Inork ez dit horrelakorik esaten, Zuberoan Gotainen edo Larrabile-Urrustoin ez bada! Ez dakit, bada, nik euskaltzain kutsua dudan. Kar, kar, kar. Azaro honen 29an egingo duzu euskaltzain osoari dagokion sarrera-hitzaldia zeure herrian, Markinan. Nahikoa buruhauste badarabilzu, jakin dudanez. Azaroaren 29ko ekitaldia gainean da, eta urduritu egiten nau horrek. Senetik kanpo ibili naiz apur bat, baina etorriko naiz neure senera, neure bidera, neure arrastora. Zertaz jardungo duzu sarrerako horretan? Nire gairik maiteenen gainean egingo dut hitzaldia. Sail batekoak baino gehiagoko gaiak ditut, baina neure sailik maiteena, edo hurbilenetako bat ahozkotasuna da, eta horren gainean jardungo dut. Hasteko, Wilhelm Humboldten bidaia erabiliko dut. Birritan etorri zen Humboldt Euskal Herrira. Lehenengoan, etorri baino gehiago, zeharkatu egin zuen gure herria, Espainian zehar egitekoa zuen bidean: Baiona, Donibane Lohizune, Tolosa, Bergara, Arrasate, Gatzaga, Gasteiz… Oso egun gutxitan zeharkatu zuen Euskal Herria. Bigarrenean berriz, hilabete baino gehiago egon zen hemen: 1801ean. Orduan, garaiko idazle eta euskalariekin egon zen. Tartean, Markinan egon zen, eta, hain justu, nik hitzaldia irakurriko dudan etxean bertan ere egon zen Mogelekin. Eta hau eta hura. Orduko garaiko bizkaitarren ahozkotasuna aztertuko dut, baina gainerako euskalkietara ere zabalduko dut nire azalpena, nahiz eta Markinako ekitaldian dena irakurtzerik izango ez dudan. Idatzira joango den hitzaldia beti da luzeagoa, han irakurriko dudana baino. Jende artean irakurriko dudana beti da ahozkoagoa, beti da beste era bateko diskurtsoa. Idatzira doana munduko denbora guztiarekin irakurtzen da, nahi denean egiten da atseden. Ahozkoan ez dago hori, hizlariaren harian ibili behar da beti, eta hari hori herritarren artean ahal den ondoen eramatea izango da nire zeregina. 1801eko bidaia, Humboldtena, Jabier Kaltzakortaren bidean… Adibide diferenteak ekarriko ditut hitzaldian. Ahozkotasuna oso gauza inportantea izan zen garai hartan. Humboldt prusiarra zen, austriar-hungariar inperiokoa. Ahozkotasuna gauza berria zen orduan. Alemanak hasi ziren lehenengoz ahozkoari inportantzia ematen. Ordu arte ahozkoak ez zuen garrantzirik: baserrian, mendi galduan gora hitz egiten zena, kontatzen ziren ipuinak… inork ez zituen aintzakotzat hartzen. Edo inork gutxik. Baina erromantikoak alor hori balioesten hasi ziren, horri balioa ematen, eta Humboldtek berak dio Euskal Herrira etorri zela kantu epiko zaharren eta herri-ipuin zaharren bila. Espresuki dio hori berak. Kantu zahar bilako ibili hori da Humboldtena gurean. Erromantikoak bidaiariak dira, inportantzia ematen diote bidaiari. Haien bidaiak ez dira guk asmatzen ditugun modukoak. Haien bidaiak bost eta sei hilabeteko bidaiak dira! Lehenengoan emaztearekin, bi seme-alabekin eta pintatzaile batekin etorri zen, eta Espainia guztian barrena ibili ziren, bost hilabete. Lanik ez zuten aristokraten bidaiak ziren, dirua zeukatenenak. Orduko jauntxoen etxean hartzen zuten ostatu, lekurik hautuenetan ibiltzen ziren. Bigarren bidaia diferentea izan zen, egun batetik besterakoa, eta lagun batekin etorri zen: maiatza osoan egon zen Euskal Herrian. Herri-ipuinak biltzen? Orduko garaiko erromantikoen ezaugarria da herri-poesiari indarra ematea. Gaur eguneko begietatik begiratuta inozokeria dirudi, baina uste zuten hizkuntza ez zela aldatu ezer ehunka eta ehunka urtetan, eta kantuak ere ez. Kantu bat biltzen bazuten, uste zuten antzinaterik zaharrenekoa zela, mila urteko kantua, izozturik balego bezala, izozturik hizkuntza, eta izozturik tradizio guztia. Horren arabera, herri zaharretan, eta Euskal Herria zen Europako herririk zaharrena –Herderrek eta abarrek esanda–, eta beraz, herririk zaharrenean egongo da kanturik zaharrena. Nik hitzaldia egingo dut etxe horretan, esate baterako, Mogelek El canto de Lelo eman zion; nonbait, euskaldunek Oktavianoren garaian erromatarren kontra egindako gudua. Humboldtek uste zuen kantu hori zela mila eta zortziehun urte lehenagokoa! Holako gizon batek 1817an publikatu zuen kantu zahar hori, eta, nolabait esateko, euskalariak sortu zituen Europa osoan. Prestigiodun gizon batek prestigiotu egin zuen hizkuntza zahar bat. Hori egin zuen Humboldtek, euskara balioan jarri, balioztatu, balioa eman. Haiek uste zuten dena delako kantu zaharra fosildua jaso zutela. Zuk, aldiz, zeure lanetan, baladarik zaharrenaren hamaika aldaerak eta bat gehiago ematen dizkiguzu. Bai. Aurkitzen dituzun guztiak eman behar dituzu, eta aurkitzen dituzun asko izan arren, beti dira gutxi! Hori da ahozkotasuna: aldaeretan bizi den zerbait, bizi den neurrian, eta bizi den artean. Gure joera ohi da, aldaera kanoniko bat osatzea, zatiak handik eta hemendik eta behar den tokitik hartu eta anfora osatzea. Ahozkotasunean aldaera guztiekin beste aldaera bat, fiktizioa, osatuagoa egiteko asmoa beti egon da, han-hemengo atalak josi eta gauza berri bat muntatu. Hori egin da, eta ondo dago, baina berez, gauza eklektiko bat, fiktizioa. Aldaera bakarra dagoenean, ordea, horrek esan nahi du galdu egin dela transmisioa. Bereterretxeren kantua Salaberryk ekarri zuen moduan kantatzen badugu, hamabost ahapaldi horiek, horrek esan nahi du fosilizatu egin dela, galdu egin dela kantu horren transmisioa. Baldin, beste aldaera batzuk badaude, konturatzen gara, hamabost ahapaldi badira ere, ordena aldatuta etorriko direla ahapaldi horiek, edo hitz batzuk aldatuta… Eredu bakarrera iritsi bagara, idatzizko mundura pasatu gara, ze idatzizko mundua aldaera bakarrekoa da. Nire aitaren etxea defendituko dut , Arestirena, beti da horrela, aldaerarik gabe. Ahozkotasunean, aldatzeko jokoa dago. Aldaera guztiak berdin dira? Aldaera batzuk ederragoak dira beste batzuk baino: ahapaldi gehiagokoak, aberastasun handiagokoak, ulergarriak direnak… Batzuetan, denboraren erosioaren bidez kantua ez da ia ulertzen, edo kantu bi elkarren gainean erantsi dira eta beste zerbait sortu da hor. Kasuan kasukoa ikusi behar da. Badira irudi batzuk batean eta bestean eta nonahi ageri direnak, balada nahiz kopla, hizkuntza honetan nahiz hartan… Badira irudi unibertsalak, bai, edo askotan ematen direnak: Itsasoan urak haundi, ez dau hondarrik agiri, maiteagatik pasauko neuke, itsasoa igeri . Ideia hori, ahozkotasuneko ideia polit bat da, dantza-kopletan, baladetan, legendan nahiz maitasun kantu batean ageri dena. Eta oso-oso genero ezberdinak dira. Kopla hori, esaterako, balada batean ere agertzen da. Ahozkotasunean oso ideia politak izaten dira, eta, orduan, batean eta bestean dute lekua. Balirudike idatzizkoa dela maila nagusiko. "Bigarren mailakotzat" jo izan ote da ahozkoa? Hori konplexua da. Idazle batzuek estilo ahozkoagoa dute, literatura guztietan ere. Ez hain esaldi luzeak erabiliko dituzte, mezuak hitzean-hitzean garbi emango dituzte, erritmo biziagoa izango dute –baina ez, bakarrik, esaldiak laburragoak direlako–, eta hau eta hura. Kafkak, esate baterako, idazten hasi zenean –alemanez, hain zuzen–, orduko garaian ez bezala idatzi zuen. Alemanian askozaz ilunago idazten zuten; estiloa, alegia. Kafkaren estiloa, berriz, zuzen-zuzena zen, ahozkoagoa, hurbilagoa… Berez, idatzizkoa eta ahozkoa, bi mundu guztiz ezberdinak dira. Eta gero eta gehiago, ahozkoak indar handiagoa hartzen du. Tradizioa galtzen den neurrian, ahozkoak balio handiagoa hartzen du. Ahozkotasuna mila alderditatik azter daiteke. Ahozkotasunaz ari garenean, ahozko genero propioen gainean ari gara: kontakizunak, era bateko eta besteko poesia moldeak… Poesia moldeak, direnak eta ez direnak… Esaera zaharrak, adibidez. Ahozko elementuak dira esaera zaharrak. Idazle batzuek ere baliatzen dituzte, ordea. Kixote n, esate baterako, Santxok trumilka botatzen ditu. Eta ikerlan asko daude gaztelaniaz, Santxok darabiltzan esaera zahar eta esapideen gainean. Esan nahi dut, ez bakarrik filosofia bat duten esaerak, esateko moduak ere badituela Santxok. Tradizioa galdu… El ladrón cree que todos son de su condición . Gutxi izango dira hori euskaraz nola esan dakitenak. Modu askotara esan izan da hori euskaraz. Besteak beste, "azeriak buztana luze, berak legez besteak uste". Beharbada horren gainean ere hitz egingo dut sarrera-hitzaldian. De rebus euscarae memorabilibus… Zer duzu hori? "Ahozko euskaran, beti euskaldun hutsetara biltzeko grina izan dut (…) Eguneroko bat ere osatu nuen etxean gurasoei entzuten nizkien berba eta esaerekin. Eguneroko horren izena, De rebus euscarae memorabilibus". Zeuk idatzia da. Bai, bai… Ehun orrialdeko lan bat da, baina hirurehun edo laurehun ere izan litezke. Koaderno zaharretan batzen ditudan esateko moduak, esapideak, hitzak eta gainerakoak hor jasotzen ditut. Inguru euskaldun neurri batean pribilegiatu batean bizi naiz: leitzar bat, garazitar bat edo Azkoitiko Madariaga auzoko bat bizi daitekeen moduan. Euskaldun onen kontaktuan bizi bazara, "ene, honek halako esan du!", bizipoztu egiten da bat. Euskarazko ale txikiak apuntatu ditut nire egunerokoetan. Hogeita bost urte baino gehiago daramat horretan. Esate baterako, Azkueren hiztegira joan eta jartzen duzu: aldizto. Aldiztoa da egun batean kasu egiten dizuna, eta hurrengoan kedarik ere egiten ez dizuna. Aldizka bere burua aldatzen duena da aldiztoa, beti bat ez dena. Batzuk zakarrak dira, beste batzuk gozoak. Aldiztoak, aldiz, ez dago jakiterik, batean gozo, bestean zakar. Emakumea, berriz, aldiztona da. Hiztegira joan, eta aldiztonarik ez dago! Huskeriak dira, nahi baduzu, baina hor daude. Hitzekin batera, beste gauza asko ere harrapatzen dituzu. Lo-kanten gaineko bilduma ere egina duzu. 27 urte nituenetik, eta beste horrenbeste urtean, lekukotasunak biltzen egon nintzen, eredu onen bila: burua argi duten amonak; amonak, batez ere. Bizkaian erretolika luzeak kantatzen ziren, hogei, hogeita hamar koplako erreskadak umeari kantatzea normala zen. Batzuk lo-kantak ziren, huts-hutsak, eta beste batzuk ziren trikiti koplak, doinua aldaturik. Horien bila ere ibili nintzen. Ideia erromantikoa da, pixka bat inozoa ere bai. Hau da, zein da munduratzen den umearen lehenengo poesia? Lo-kantetakoa. Umea ez da horko hitzak ulertzeko gauza, baina bai horko paralengoaia: amaren umearenganako maitasuna, xamurtasuna, hurbiltasuna. Ez duzu inoiz argitaratu bilduma hori. Neure kapritxoa izan zen, ezta? Harri kirri txiki askoren bilduma bitxia da. Eta zer izango da "Euskal baladen gorputzerako edizio kritikoa", zure doktore tesia? Ezagutzen duguntxoa zehatzago ezagutzea eta gehitze bat izango da. Ezagutzen ditugun biltzailerik handienek egindako corpusaren gehitze bat ere bai. Daukagunaren aurpegi benetakoagoa. Asko dut idatzia, eta derrigorrean jarriko diot azkeneko puntua. Bakoitza bere zoroak bizi du, eta norberak duen zoroa izaten da tesia.
news
argia-0af0f8e8fc17
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/pizza-erreginarentzat.html
Pizza erreginarentzat
Nagore Irazustabarrena Uranga
2014-11-16 00:00:00
Pizza erreginarentzat 1889ko ekainean Italiako erregina Margarita Saboiakoak hilabeteko bisitaldia egin zuen Napolesera. Hiriko pizzen ospearen berri bazuen erreginak eta, horregatik, Raffaele Esposito garaiko pizzaiolo rik ezagunenaren obrak dastatu nahi zituen. Sukaldaria Capodimonte jauregira eramanarazi zuten, erreginarentzat ahalik eta pizzarik onenak presta zitzan. Espositok hiru pizza laberatu zituen: bata olioarekin, bestea antxoekin eta hirugarrena tomatearekin, mozzarellarekin eta bizpahiru albahaka hostorekin. Margaritaren epaia positiboa izan zen: hirurak gustura jan zituen, baina gogokoena hirugarrena izan zen. Eta horregatik sortzaileak Pizza Margherita izena jarri zion bere lanari.
news
argia-055e5f6d9b3e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2437/euskal-baleazaleen-portua-gizateriaren-ondare.html
Euskal baleazaleen portua, gizateriaren ondare
Iraitz Agirre Aranguren
2014-11-16 00:00:00
Euskal baleazaleen portua, gizateriaren ondare Labradorreko eta Ternuako itsasertzak arrantzalez betetzen ziren XVI. eta XVII. mendeetan, euskaldunak balearen ehizan munduko potentzia nagusi ziren garaietan. Gure unibertso itsastarra ahanzturatik berreskuratzeko makina bat ekimen sortu dira azkenaldian, eta ziur Kanadako Red Bay herriko euskal baleazaleen arrastoak gizateriaren ondare izendatu izanak berebiziko bultzada emango diola zeregin horri. Ekaitzek eta korronteek umildutako harkaitzen artean, kolore berezia duten harribilak ikus litezke Red Bayko itsasertzean. Teila zatiak dira, teila gorriak. Badiari izena hortik datorkiola dio hipotesi batek, gorri ikusten omen da itsasotik tierra hura. Duela lauzpabost mende euskaldunek Ipar Atlantikoko korrontean barrena eramanak dira teilak. Olatu artean egonkortasuna hobetzeko lasta bezala sartzen zuten kargamentu pisutsua itsasontzietako sotoetan. Gero, Labradorrera iritsita, balearen koipea urtzeko labeak babesten zituzten haiekin. Euskaldunek koipe preziatua ekarri zuten hona, eta aldiz, han teila puskak utzi. XVI. mende erdialdetik XVII. mendera arte, euskaldunak izan ziren bale-arrantzan munduko potentzia nagusia; industria hark sekulako etekina ekarri zion itsasora begira bizi zen Euskal Herriari. Uda sasoia iristean milaka arrantzale abiatzen ziren Ternua eta Labrador inguruetara balearen bila; Red Bayen 2.000 lagun inguru aritzen zirela uste da. Literatura sortzeko mito bat? Labrador eta Ternuaren arteko Belle Isle itsasartean kokatzen da Red Bay. Badia ñimiñoan apenas dago ezer: egurrezko etxe batzuk, moila pare bat, kresalak herdoildutako zamaontzia… Ezer ez dago, baina UNESCOk gizateriaren ondare izendatu du. Baso boreala iristen ez den toki hartako lur mortupean XVI. mendeko euskal baleazaleek utzitako altxor arkeologikoa kontserbatu baita, beste inon ez bezain ongi. 200 biztanle ere ez dituen herrixka hau 1979tik Kanadako Toki Historiko Nazionala da eta 2013an Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartu zuen UNESCOk, Red Bay Basque Whaling Station izenez. UNESCOren esanetan "Europako balea-arrantza tradizioaren testigantza zaharrena, osoena eta ondoen kontserbatutakoa" dira euskaldunek urazandi utzitako arrastoak. Hego Koreako Bangudaeko petroglifoetan badaude balea-arrantza protohistorikoaren irudiak, Japonian ere VII. mendean jada abiatzen ziren zetazeoen ehizan, baina ez ei dira konparagarriak Labrador eta Ternuan euskaldunek ezarritako faktoriekin. Pasa den udan egin dute izendapenaren ekitaldi ofiziala. Ingelesez, frantsesez eta euskaraz plaka bana jarri zuten eta Wanita Stone alkateak eskerrak eman zizkien antzinako baleazale-estazioa ezagutarazten lanean ari diren guztiei. Aitzitik, informazio agentzien teletipoetatik harago apenas izan du albisteak oihartzunik hemengo medioetan, eta Euskal Herriko instituzioetako ordezkaririk ere ez zen izan ekitaldian; Iñigo Urkullu lehendakariak bideoz bidali zuen bere mezua. Ternua "eremu triste arrotza" zela dio bi mende atzera sortutako Ternuaco Penac bertso sorta anonimoak. Eta badirudi oraindik hala segitzen duela izaten, literatura sortzeko mito bat baino ez. Etienne Cleirac jurista bordeletar prestigiotsuak 1661ean esan zuen euskaldunak Kristobal Kolon baino 100 urte lehenago iritsi zirela Ternuara. Hala, inolako frogarik gabe egindako baieztapen subjektibo hark gure imajinarioan zuztarrak egin ditu; itsas historiari orain gutxi arte jarri diogun arreta eskasaren ondorio da. Selma Huxleyren sagu-lana Gaur ia ziurtzat jotzen da euskaldunak XVI. mende hasiera aldera iritsi zirela Ternuara –hori erakusten duen dokumentu zaharrena 1517koa da, Donibane Lohizuneko arrantzale baten hitzak jasotzen ditu–. Bakailaoetan aritzen ziren portugaldar eta bretoien atzetik abiatu omen ziren eta sardako balearekin ( Eubalaena glacialis ) egin zuten topo Kantauritik 6.000 kilometrora. Euskaldunen presentzia goiztiarra hango toponimiak ere erakusten digu: Aingura txar, Amuizko punta, Baleetako baia, Baia ederra... Hamaika dira euskal erroa duten izenak, batez ere Ternua mendebaldeko kostaldean. Horietako asko Donibane Lohizuneko Piarres Etxeberrik XVII. mendean idatzitako Itxasoco Nabigacionecoa gidaliburuan ageri dira. Halaxe jakin dugu egungo Red Bayren aspaldiko izena Butus zela. Datu hori giltzarri izan da 70eko hamarkadatik aurrera badia horren inguruan egin diren ikerketa historikoetarako. 1973an Oñatiko Unibertsitateko aldaba jo zuen azentu ingelesa zuen artxibista batek. Selma Huxley zen, lagun batzuk bisitatzen ari zen kanadarra. Protokoloen artxibo hartan deskubritu zituen Huxleyk euskaldunek Ipar Amerikako lur haiekin izandako harremanaren paper esanguratsu ugari. Artxiboetako lan eskerga horri esker aurkikuntza arkeologiko izugarri emankorrak egin dira. Huxleyk hautsa kendutako dokumentuen artean badago bat oso berezia. Zortzi foliotan baleontzi baten eraikuntzaren berri ematen du eta, are garrantzitsuago dena, deskribatzen du nola eta non hondoratu zen. San Joanaz ari da, 1565ean Euskal Herrira itzultzekotan zela ekaitzak Red Bayko harkaitzen kontra amildu zuen ontzi pasaitarra, egun UNESCOren itsaspeko ondarearen ikur dena. "Itsaspeko hareari eraginez, magia balitz bezala, upelak nonahi agertu zitzaizkigun. Segituan konturatu nintzen baleontzia zela". Halaxe gogoratzen du Robert Grenier Parcs Canada erakundeko arkeologoak 1978ko udan San Joan ontzia aurkitu zuten unea. Huxleyk emandako informaziotik tiraka erabaki zuten oxigeno-botilak hartu eta ur izoztu horiek miatzea. Itsas arkeologian aurrekaririk gabeko indusketa izan zen hura: 1978tik 1985era ontziaren 3.000 pieza inguru azaleratu zituzten –astrolabio bat, hareazko erloju bat eta iparrorratz bat barne–. Red Bayko museoko arduradunek Argiari azaldu diotenez, hasieratik erabaki zuten egur puska bakoitza detaile osoz erregistratu ondoren, 450 urtez egon diren posizio berean itzultzea badiara. Zazpi metroko sakoneran, itsasoak ezin hobeto kontserbatu ditu ontziaren egurrezko arrastoak. Zenbait pieza garrantzitsu ordea ikusgai daude museoan, baita ontziaren eskeletoaren azpian oso-osorik agertutako balea ehizatzeko txalupa bat ere. Horretarako, egurra polietileno-glikol substantziaz tratatu, izoztu eta lehortu dute. Ipar Amerikako lehen industria Ternuako euskal balea-arrantzaleena, Ipar Amerikako lehen esplotazio industriala izan zela diote adituek. Balearen gantz urtua Brujas, Bristol edo Arroxelako merkatuetan saltzen zuten; kerik botatzen ez zuenez, erregai ezin hobea zen kaleak argiztatzeko. XVII. mendetik aurrera, berriz, balearen bizarrak ere merkaturatu zituzten, besteak beste jantziak egiteko erabiltzen ziren elastikotasun handia zuten hari naturalak. Ez epopeia, ez kasualitatea, mende askoan metatutako jakintzaren ondorio izan zen enpresa hura. Jabetzen ote gara Europako garapenaren giltza eskuetan izan genuela? Euskaldunak XIII. mendetik hasi ziren nagusitzen Europako itsasoetan, ontzigintza eta nabigazio teknika aurreratuak erabiltzen zituzten, horretarako baliabideak izaki. Jakoba Errekondo agronomoak orriotan esana da haritzari eta sagarrondoari zor diegula "gure bizimoduaren maila". Harizti zabalak itsasontziak eta upelak egiteko eta burdinoletako labeen ikatzetarako. Sagastiak berriz, sagardotarako. Edari hori izan zen euskaldunek itsasoan edukitako arrakastaren gakoetako bat. Ozeanoak gurutzatzeko itsas bidaiak luzatu ziren garaian, ontzietako zubietan prestatzen ziren platerek asko zuten gatzetik eta gutxi bitaminatik. Gabezia horrek gaixotasunak ugaldu zituen marinelen artean eta denetan batek ematen zuen ikara gehien: eskorbutoak. Ahultasunak jota eta hortz hobietatik odolez, eskoadra osoak erori ziren "itsasoko izurria" deitu zioten horren menpe. Euskaldunek ordea, sagardoari eskerrak baldintza hobeagotan egin zioten aurre gaitzari. Beste edari alkoholdun batzuk ez bezala, sagardoa ez da destilatzen eta C bitamina mantentzen du. XVIII. mendera arte ez zuten deskubritu bitamina horren desnutrizioak eragiten zuela eskorbutoa. Itsasontzi bakarrean 50.000 litro sagardo ere eraman zitzaketen Ternuara marinelek. Balea-arrantzak goia jo zuenean dozenaka ontzik osatzen zuten flota hura. Juan Ignazio Iztueta Zaldibiako jakintsuak idatzita utzi zuen gipuzkoarrek "sagardotza handiak" eramaten zituztela eta horrek "lehia gogorrak" sortzen zituela. Ez ei zegoen nahikoa sagardo denentzako. Eskaera horri erantzuteko sortu ziren XVI. mendean lehen dolare sagardotegiak, baserriaren ernamuina. Negua gertu, sorterria urrun Sagardo upelak, balearen koipez betetzeko aprobetxatzen zituzten arrantzaleek, baina horiez gain askoz gehiago behar izaten zituzten –barku bakoitzean 1.000 upel inguru kabitzen ziren–. Horretarako, upelak Euskal Herritik desmuntatuta eramaten zituzten, Ternuan berriz ere muntatuak izateko instrukzioekin osatutako kit modukoetan. Red Bay ixten duen Saddle irla txikiaren iparraldeko hegian upeldegien arrasto ugari aurkitu dituzte arkeologoek, balearen koipea lortzeko labe-zuloen aldamenean. Izan ere, badiaren hondoan aurkitutako ur azpiko altxorrez gain –San Joan ontziaren ondoren beste hiruren hondarrak aurkitu dituzte–, lurrazalean ere emaitza paregabeak eman dituzte indusketek. Balea-hezur biltegiak hondartza inguruetan, arrantzaleentzako etxeen egiturak Saddle irlako arroketan, antzinako moilen zatiak eta talaiak itsasertzean… Zeramika zatiak eta egurrezko ontziak ere aurkitu dituzte, baita iltzeak, zorroztarriak eta balea ehizatzeko bestelako materialak ere. Guri ere ekarguzu hurbilera balea, segurkiago armaren landatzeko kolpea. Biziarengatik dugu irriskatzen bizia, Arren egiguzu haren gelditzeko grazia Halaxe omen dio duela lau mendeko otoitz batek, Joanes Etxeberri Ziburukoak Manual devotionezcoa liburuan jasoa. Talaiariak mendi kaskotik balea jendea ikusi orduko txalupatan abiatu dira arraunean hamarnaka lagun, lemazain eta arpoilariak barne. Hainbat orduren ostean odolustuta dakarte 50 tona inguruko animaliatzarra. Itsasontziko gilara lotu eta ubeldutako ur gainean zatikatuko dute. Ez dago denbora galtzerik, labeak sutan dira, labanak zorrotz, negua gertu, sorterria urrun. Joanes Etxanizek ez zuen sorterria ikusteko aukerarik izan, Labradorreko portutxo batean eman zuen azken arnasa 1584an. Orain, Red Bayko museoan bere testamentuari argazkiak ateratzen dizkiote turistek eta Guillermo Zubiaga komiki egilearen inspirazio iturri ere izan da. Bere bizitza New Yorkeko komiki jaialdi erraldoian ezagutarazi zuen. Ipar Amerikan idatzitako dokumentu zaharrenak euskal marinelen gaztelaniazko testamentuak dira. Huxleyren seme den Michael Barkham historialariak duela gutxi aurkitu du aspaldikoena izan daitekeena: Hondarribiko Domingo Luzakoak 1563an idatzi arazi zuena Ternuako Plentzian zela. Kapitainak testamentua bueltan ekarri zuen, Maria Martin Aginagakoak herentzia jaso zezan. Pierre d'Lancre inkisidore paranoikoak zioen urte erdiz senarrik gabe egoteak sorginkeria ugaltzen zuela emazteen artean ("burmuinik gabe, mendian bizi dira erabateko libertate eta sinpletasunez, Eva paradisuan bezala"). Egiaz, emakumeek uste baino parte-hartze handiagoa izan zuten balea-arrantza enpresak finantzatzeko orduan, eta nolanahi ere, lan itzela egin behar izaten zuten portuan, arrantzaleak hurrengo kanpainarako hornitzen, nola jakiz hala jantziz. 2006an Albaola elkarteko kideek lurralde haietan buruturiko Apaizak obeto espediziorako antzinako jantzi horiek berregin zituzten, Saddle Islanden azaldutako oihal, larru eta zapata zatiei kasu eginez. Irla horretan euskal baleazaleen hilerri bat aurkitu zuten 1982an eta bertan pilatzen ziren 142 gorpuetako batzuek arropak zituzten oraindik soinean. Hilerriak berak adierazten digu inguru haietako gogortasuna; agian, 1576ko negu zitalean hildako ehunka marineletako batzuk hor daude lurperatuta. Hizkuntza euskal-amerindiarra Hilerritik ez oso urruti innu amerindiarren kanpaleku bat zegoen. Karbono datazioen arabera innuak eta euskaldunak batera bizi izan ziren denbora batez toki horretan. Are gehiago, kanpalekuan Euskal Herritik eramandako burdinazko iltzeak eta egurrak azaldu dira. Euskaldunak ez ziren lurralde haiek kolonizatzeko asmoz joan eta hori bertako herriekin izandako harremanetan nabari da. Merkataritza sare zabala osatzeaz gain –euskal aizkorak azaldu dira amerindiarren ehorzketa sakratuetan, Kanadan oso barrena– berezko hizkera ere sortu omen zen, euskara eta amerindiarren algonkin hizkuntzen arteko pigdina . Hala, adesquidex adiskidea zen eta orignac oreina; tamalez lengoaia berezi haren 30 hitz inguru baino ez  dakizkigu egun. XVII. mendean euskal baleazaleen jarduera gutxitzen hasi zen pixkanaka. Gainbehera hori azaltzeko bi arrazoi nagusi daude eta Cindy Gibbons Parks Kanadako ikuskatzaileak azaldu dizkigu: batetik, euskaldunek harrapatzen zuten sardako balea eremu urrunago batzuetara zokoratzen hasi zen, hainbat arrazoi tarteko; bestetik, euskaldunen itsasontziak Espainiako eta Frantziako erregeen gerra-ontziteriarako bahituak izaten ziren gero eta sarriago. Hala ere, euskaldunek balea harrapatzen segitu zuten beste portu-mundu batzuetan, holandarrek eta ingelesek ordainduta, nolabait esatearren, enpresa multinazionalen enplegatu gisa. Baina hori beste abentura bat izan zen.
news
argia-d1b6cc81b240
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/violeta-gonzalez-boxeolaria.html
"Boxeoa kalea berreskuratzeko bidean ikusten dut"
Xuban Zubiria
2017-11-26 00:00:00
"Boxeoa kalea berreskuratzeko bidean ikusten dut" Euskal boxeoa bizi berritzen ari da, eta horren adibide dugu Violeta Gonzalez. Otsailaren 11n egin zuen debuta profesionaletan Lasarte-Orian. Euskal Herrian bizi den emakumezko lehen boxealari profesionala, Neskabox boxeo elkarteko kide da. Asturiar bilbotartua omen zaitugu. Hala diote bai! 2010ean etorri nintzen Bilbora. Egia esateko etxean bezala sentitzen naiz hemen. Asturiasen jaio eta hazi, bizitzaren gora-beherek ekarri ninduten Bilbora. Bilbok gauza asko eman dit, horien artean boxeoa. Noiz eta nola hasi zinen boxeoan? Kasualitatez murgildu nintzen boxean. Ez zen izan espresuki bilaturiko zerbait. Nire barruan zerbaitek klik egin zuen eta horrela hasi nintzen. Probatu nuen momentu berean hartu nion gustua. Afizio txikia zena, egunero ordu asko kentzen dizkidan zaletasun bihurtu da. Emakumea eta boxeoa, ezohiko binomioa oraindik. Emakumezkoen boxeoak oraindik oztopo asko ditu gainditzeke. Honen aurrean egunero eskularruak jantzi eta ringera igotzea besterik ez zaigu geratzen. Boxeoan gabiltzanok ez gaude geldirik, zailtasunen aurrean ere aurrera egin beharra dago. Emakumeok boxeoarekin gizonek bezain beste disfrutatzen dugula demostratu behar dugu eta hori ring batean egiten da. Guk ez badugu egiten inork ez du egingo. Bide horretan sortu zenuten Neskabox? Urtarrilean sortu genuen Josu Lopategui boxeo entrenatzailearen laguntzarekin. Emakumezkoen lehen boxeo elkartea da Euskal Herri osoan. Neskaboxekin erakutsi dugu posible dela emakumezkoen boxeoa Euskal Herrian. Uste ez genuen lekuetara iristen ari gara. Honek guztiak harrotasuna sortzeaz gain lanean jarraitzeko indarra ematen dizu. Hasiera indartsua izan du Neskaboxek, modan ahal dago Boxeoa? Hedabideetan geroz eta sarriago ateratzen gara eta ez da gutxi. Egun 40 emakume inguruk osatzen dugu Neskabox. Oraingoz, hiruk eman dugu txapelketetara pausoa. Gurea handitzen doan proiektua da. Bakoitzak bere erara boxeoaz nola disfrutatzen duen ikustea da politena. Neskabox txapelketa edo entrenamenduez gaindi lagun koadrila bat da eta horrekin geratzen naiz. Honetan guztian Josu Lopateguiren papera oso garrantzitsua izan da. Euskal boxeoa ezin da ulertu Josu gabe. Neskaboxen sorreran ere figura oso garrantzitsua izan da. Josuk boxea maite du guztiaren gainetik eta egun emakumeen boxeoaren sustatzaile ere bada gurekin elkarlanean. Asko zor diogu. Euskal Herriko lehen emakume boxealari profesionala zara. Nire kasuan oso prozesu naturala izan da. Afizioak gehiago entrenatzera eraman ninduen eta entrenamenduek lehiatzera bultzatu naute. Bide horretan oso garrantzitsua izan da Josuk emandako laguntza. Berarekin entrenatzen hasi eta berehala hasi ziren emaitza onak. Hau guztia bere lorpena ere bada. Honek beste emakumeentzako eredu izatea dakar. Izan daiteke; hala ere boxeoa zerbait kolektiboa dela esatea gustatzen zait niri. Ringera ni igotzen naiz baina atzetik jende asko daukat. Jende horrengatik ez balitz ez nintzen helduko nagoen lekura. Ereduak edukitzea ona da, baina talde lana da benetan balio duena. Gogorra da profesionala izatea? Boxeoa ez da kirol erraza eta sakrifizio asko dakartza berarekin. Profesionaletan egoteak guztia bikoizten du (prestaketa fisikoa, entrenamenduak, janariaren kontrola…). Batzuetan zaila da presio horri guztiari aurre egitea. Konstantzia eta lasaitasuna dira nire ustez profesionaletan ondo lehiatzeko bi gakoak. Konpetizioak ere asko nekatzen du. Lehiak dibertsioa bigarren maila batean uzten du. Xurgatu egin zaitzake. Oso garrantzitsua da exijentzia altueneko momentuetan ere burua hotz mantentzea. Boxeoak ezin du guztia bereganatu. Lehiatzen ari zarenean oso zentratua zaude baina deskonektatzeko baliabideak garatzea beharrezkoa da, itoko ez bazara. Nola ikusten duzu egungo boxeoa? Boxeoak azken hamarkadetan jasan duen marjinazioaren emaitzak pairatu ditugu duela gutxi arte. Boxeoak urte asko pasa du zokoratuta. Pixkana argia ikusten ari gara. Duela hamar urte baina askoz hobeto gaude, baikorra naiz. Ikusi besterik ez dago Euskal Herrian egin diren azken borroketan bildu den jende andana. Boxea kalea berreskuratzeko bidean ikusten dut. Eta euskal boxeoa? Asko ari da indartzen. Duela gutxi arte lau katu ginen boxeoan ari ginenak. Egun gimnasioak betetzen ari dira. Erreferente inportanteak sortu dira, hemengoak dira Kerman Lejarraga edo Andoni Gago eliteko boxeolariak. Euskal boxeoa inoiz baino osasuntsuago dagoela iruditzen zait, gerra handia emango dugu etorkizunean. Zer esango zenioke boxeoan hastear dagoen pertsonari? Boxeoan bizitzan bezala oso garrantzitsuak dira etapak. Fase asko dituen kirola da. Boxeoan hasi behar duen pertsona batek etapa horiek guztiak gainditzeko prestutasuna behar luke. Oso garrantzitsua da hasieratik ulertzea boxeoa garapen prozesu graduala dela. Lasaitasuna ere ezinbestekoa da bideari gogoz ekiteko. Eta zure etorkizunaz zer esan diezagukezu? Ireki zaizkidan aukerak aprobetxatzea da nire helburua. Niretzat hau guztia berria bada ere indarrez nago eta oso babestua sentitzen naiz. Ahal dudan titulu gehien eskuratu nahi dut. Badakit ez dela erreza baina horretan nabil eta hori lortzeko egingo dut lan. Geratzeko etorri zara, beraz. Boxeoa niretzat jada ez da kirola bakarrik. Neskabox eta bidean egin ditudan lagunak ere badira boxeoa. Honetaz guztiaz ahal dudan denbora gehien gozatzen saiatuko naiz. Bai, geratzeko etorri naiz.
news
argia-8fb00e513f9b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/ahtri-ez-eta-ez.html
AHTri ez eta ez
Itziar Bardaji Goikoetxea
2017-11-26 00:00:00
AHTri ez eta ez Murrizketa guztien gainetik, Madrildik konpetentzia foralak inbadituz, borroka herritar historikoari ezikusia eginez, bere horretan jarraitzen dute Geroa Bai/EAJk eta gobernu espainolak. AHT bai ala bai. Kapitalismoak gero eta gehiago produzitu nahi du, merkatua globalizatu eta abiadura handiko korridoreen bitartez lan baldintza ahulenak eta kontsumo gaitasun handienak konektatu. Gune merkaturatu funtzionalak nahi ditu, hiriak, eta haien arteko landa eremua ustiatu daitekeen territorioa da mundu osoan: energia produzitzeko, nekazaritza produkzio kapitalistarako, hondakinak erre edo lurperatzeko, landa turismorako, produktu-merkantzia eta pertsona-merkantziak abiadura handian garraiatzeko. Herriak, kulturaren eta komunitatearen azken arrastoen gordailu, ahuldu; ustiapen horren aurkako erresistentzia ahultzekotan. Prozesu hau legitimatzeko, desarrollismoa: garapen kutsu bat badu orduan ona da, (ez al da ba progresoa egungo zapalkuntzen eta hondamendi ekologikoaren azalpena? Txist!). Garapenaren ideologiak azkarrago mugitu nahi dugula konbentzitzen gaitu. Merkatuaren nahia gizartearen nahiaz mozorrotzen saiatzen da. Akumulazio prozesuak aurrera darrai jendarte baketsuan. Logika honen baitan txertatzen da Abiadura Handiko Trena. Horregatik, AHT ez eta ez.
news
argia-81e7b62cf411
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/udazkeneko-pagotxa.html
Udazkeneko pagotxa
Jakoba Errekondo
2017-11-26 00:00:00
Udazkeneko pagotxa Ez noa, ez, pagotxaz (Trifolium incarnatum) hitz egitera. Bere lorea bezala gorri jartzen diren beste batzuez bai, ordea: hostoez. Udazkenak dakartzan klimaren eta argitasunaren aldaketekin, negurako antolatzen du bere burua landareak. Asko, hostajea bota, eta soildu egiten da. Hostajea askatu aurretik, hostoetan dauden osagai baliotsuenak hustu eta jasoko ditu. Tarte horretan, kolorez aldatuko dira, bakoitza berera. Gero, agur hosto maitea, izan zaitez orbel on! Hostoa orbeltzen denean, osagai onenak kenduak izanagatik, altxor ederra da, udazkeneko urrea! Azpigarri ederra da, bai aziendarentzat, baita landareentzat ere. Orbela den tokian ez da goserik! Nola kendu etekinik onena orbelari? Orbela materia organiko garbia da, eta erabilera ugari du. Orbela biltzerakoan hosto guztiak ez dira berdinak. Badira egokiak ez direnak, batez ere jariakin kaltegarriak dituztenak: intxaur beltza ( Juglans nigra ), eukaliptoa ( Eucaliptus spp. ), gerezi-erramua ( Prunus laurocerasus )... Errepideetako hostoekin kontuz, motorren gai kaltegarriak izan ditzakete. Belaze batean bildu behar baldin badira, belarra mozteko makinak erabil daitezke: hostoak bildu ahala txiki-txiki egingo ditu, gero errazago ustelduko direlarik. Hostoekin orbel-meta edo orbel-mordoa osatu behar da. Ondo usteldu eta luartzeko pare bat urte beharko duenez, tokia tentuz aukeratu, gerora enbarazu egin ez dezan. Hesola batzuk sartu eta oilategi sarearekin edo tankerakoren batekin kaiola bat egitea da onena. Airea hartzeak ontzeari lagunduko dio. Hosto gogorrak eta soiltzen ez diren landareenak nekezago usteltzen direnez, luar-pilan edo simaur-pilan nahasi, beroak errazago desegingo ditu. Urtebeteko orbel erdi ustela azpietarako erabili, bi-hiru hatz lodi zabalduz: jakiak eman, belarrei ernaltzea galarazi eta hezetasunari eutsiko dio. Ondutakoa, ongarri gisa zuzenean edo ontzietarako lur nahasketa egiteko. Udazkeneko pagotxa.
news
argia-d9514370b34c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/156.html
156
Estitxu Garai Artetxe
2017-11-26 00:00:00
156 Gaur arteko bidean Kataluniako herriak ez du gutxi erakutsi. Ausardia eta duintasuna. Kemena eta inteligentzia. Ezina ekinez egina. Bagenekien, halere, lehenago edo geroago Estatuaren horma krudel eta bortitzarekin topo egingo zutela. Une horrek sortzen zituen zalantzak. Errepresioari aurre egiteko gaitasunak. Aurre egiteko edo behintzat eusteko. Bada, igaro zen urriaren 1eko erreferenduma. Igaro zen eta lezio berri bat eman ziguten. Erabateko konbentzimenduz jantzitako herritar oldea geratzea ez da hain erraza. Zailtasunak zailtasun, herritarrek boto-kutxak bete zituzten. Ondoren, atzera-aurrera batzuen ostean, emaitzak aintzat hartu eta iritsi zen hainbeste itxarotako eguna: Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen parlamentuak. Estatuaren erantzuna ere esperotakoa izan da: 155 artikuluaren aitzakiapean, estatu kolpea Kataluniako erakundeei, kartzela eta jazarpena. Hortik aurrera bi erraileko bidea ikustear geundela uste genuen: batetik, errepresioari aurre egiteko ekintzena; bestetik, errepublika materialki mamitzeko urratsena. Lehenengoak hartu du indarra, ordea. Salbuespen egoera erabatekoa izanik, erantzun antierrepresiboan murgilduta daude herritarrak eta ordezkari politikoak. Kalean, protesta masiboak; erakundeetako ordezkariak, berriz, salaketa politikoan, gatazka nazioartekotzeko eta Espainiako Estatuaren autoritarismoa erakusteko ahaleginetan. Jarrera hori erabat ulergarria den arren, errepublikaren garaipenerako funtsezkoa da herritarrek, orain arte bezala, egingarria dela sinestea. Uste osoa izatea, kosta ahala kosta, herriaren indarrari esker lortuko dutela. Horretan biziki lagunduko luke estatu-egiturak osatzen ari direla irudikatzeak. Gauza nimiño eta sinbolikoak badira ere, mentalki beste agertoki batera darama herritargoa. Jendeak sugarra erne mantentzeko aurrerapausoren bat beharko luke, esaterako prozesu konstituziogilean. Egoera latza eta gogorra izanik ere, ilusioa ez zapuzteak berebiziko garrantzia du. Batasuna mantentzea funtsezkoa izango da beste behin ere. Ez da hauteskundekerietan jausteko garaia. Eta batasuna mantentzeak ez du inondik inora ere zerrenda bakarrean joatea esan nahi; herri-estrategia bateratu bati erantzutea baizik Beste horrenbeste gertatzen da abenduko hauteskundeei begira. Erabat deialdi antidemokratiko eta salbuespenekoa izateaz gain, marko diskurtsibo arriskutsua gailentzen ari da: 155aren aurkako eta aldeko blokeak. Horrek egoera Kataluniako Errepublikaren aldarrikapenaren aurreko sasoira leheneratzen du. Arazoa 155a izango balitz bezala eta ez Espainiako demokrazia eza. Independentismoari komeni ez zaion atsekabea sor dezake horrek. 155a gaindituta, 156etik aurrera josi behar dira borondateak. Narratiba berri bat beharko dute. Blokeak irudikatzekotan, honakoak hobetsiko nituzke: errepublikaren aldekoak eta kontrakoak. Izan ere, horrek mentalki jada existitzen den errepublikaren defentsan jartzen ditu herritarrak, aurrera bidean. Errepublikari hautestontzietan beste berme bat emateko balio dezatela hauteskundeek. Halaber, telebista piztu besterik ez dago Espainiako aparatuen beldur nagusiak zeintzuk diren ikusteko: independentisten batasuna eta legitimazio demokratikoa. Behin eta berriro hedatzen ari dira alderdi eta ordezkari independentisten artean arrakala sortzeko eta irudikatzeko mezuak. Batasuna mantentzea funtsezkoa izango da beste behin ere. Ez da hauteskundekerietan jausteko garaia. Eta batasuna mantentzeak ez du inondik inora ere zerrenda bakarrean joatea esan nahi; herri-estrategia bateratu bati erantzutea baizik.  Amore emateko tentazioa izango du batek baino gehiagok, baina egindako bidea ez da alferrik igaro. Orain arte bezala eutsi eta aurrera jarraitzeko indar zakukada bat bidaltzeko balio dezatela azken lerro hauek. Etsitzeak, eurenean ez ezik, gurean ere atzera bueltarik gabeko eragina izango bailuke denbora luzez.
news
argia-df6a9d84ded0
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/ez-hain-eskura.html
Ez hain eskura
Aingeru Epaltza
2017-11-26 00:00:00
Ez hain eskura Kataluniako lehendakari Carles Puigdemontek errana Bruselako erbestetik: "Independentziaz landa, posible da bertzelako harreman mota bat Espainiarekin". Generalitateko Hezkuntza kontseilari Clara Ponsatí ere handik da mintzo: "Kataluniako Gobernua ez zegoen behar bezain prestaturik urriaren 1eko emaitzei jarraipen politikoa emateko". Min ematen du PPko, PSOEko eta Ciudadanosko bozeramaileei darien pozak. Erreferendumaren egunean Bartzelonan ibilitako euskaldunak miretsirik itzuli ziren hauteslekuen inguruko giroaz. Hango kemena. Hango indarra. Hango ilusioa. Xalotasuna ere aipatu zuen baten batek, xalotasun txundigarria. Jendeak eskura, oso eskura, ikusten zuen bere ametsa. ERCko bozeramaile Sergi Sabriàk iruzkina egin dio bere alderdikide Ponsatíri: "Estatu autoritario baten bortizkeria mugagabeari aurre egiteko, horrexetarako ez zegoen prestaturik Kataluniako Gobernua". Herritarrak zilegi duen xalotasuna barkaezina da buruzagi politikoarengan. Rajoy galtzaile ageri zen urriaren 1eko iluntzean. Independentziaren makina ziztu bizian zihoan, traba guztiak gainditzeko gauza. Independentistak puntuz puntu betetzen ari ziren beren ingeniariek ondutako plana. Ezinaren erakusgarri zen Estatuaren erantzun zakarra. Prozesua indartzera zetorren boto-emaile baketsuen artean polizia espainiarrak partitutako egurra. Noiz izorratu zen procésa? Seguru aski, urriaren 2an berean. Geroztik, egoeraren irakurketa oker baten ondoriozkoak dirudite independentisten erabaki gehienek. Aurkariek ez dute huts bera egin. Nago polizien borrak bezain eraginkor gertatu dela enpresen ihesa. Goizetik arrats, errealitatearekin muturrez mutur topatu da Kataluniako herritar arrunta. Independentzia ez da doakoa. Badu bere kostua. Bizkarrean. Patrikan. Askatasunerako bidea ez dago lorez apaindua, dolorez baizik. Harriz. Sasiz. Azken sastakada, 155. artikuluaren aplikazioa: irabazi berririk gabe gelditu ez ezik orain artekoak galtzeko arriskuan kausitu dira katalanak. Bazuten erresistentzia baketsuaren sokatik tiraka segitzea. Aldarrikatutako estatu berria karrikan defendatzea. Ez dute bide hori urratu nahi izan. Koldarkeria? Norberaren indarrak neurtu ondoren hartutako erabakia, aukeran. Ez zen hainbertze jende prest odola, izerdia eta malkoak isurtzeko edo isurarazteko. "Normalizazioaren  itzulera". Horra Mariano Rajoyren leloa Generalitatearen eskumenak bahitu dituenetik. Nonbait, Kataluniako herritarren puska handi batek horixe du amets: eromenezko urte hauen akabaila. Zer gailenduko da, haserrea edo nekea? Abenduaren 21ean jakinen dugu nor okertu den. Grazia putarik ez luke izanen procésaren emaitza izateak Inés Arrimadas ikustea Kataluniako lehendakari.
news
argia-5598fa301e5f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/amerika-deskubritzeko-asmorik-ez.html
Amerika "deskubritzeko" asmorik ez
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-26 00:00:00
Amerika "deskubritzeko" asmorik ez Norvegia, 986. Bjarni Herjólfsson esploratzaile bikingoa Islandiara abiatu zen negua amaitu zenean, han gurasoekin bat egiteko. Eyrar-en lehorreratu zenean jakin zuen gurasoek etxaldea saldu zutela eta Erik Gorriarekin batera irla utzia zutela, Groenlandiara bizitzera joateko. Orduan Bjarni ere hara abiatu zen, mendebaldera, bide zehatzik jakin gabe. Horixe da behintzat groenlandiarren sagak dioena. Saga hori Erik Gorriak hasitako Groenlandiako kolonizazioaren kontakizuna da eta, hain zuzen, Bjarniren aita Herjulf Bårdsson izan zen lurralde haietako lehen kolonoetako bat. Groenlandiara abiatu eta hiru egunera haizea iparraldera aldatu eta laino itxia sartu zen; ontzia jitoan ibili zen hainbat egunez. Eguraldia argitu eta eskifaiak kostaldea begiztatu zuen, baina Bjarniren ustez muino txikiz osatutako erliebe basotsu leun hori ezin zen Groenlandia izan. Lehorreratu gabe, iparraldera jo zuten berak eta bere marinelek. Handik bi egunera berriro ere lehorra ikusi zuten. Baina horrek ere ez zeukan Groenlandiaren antzik, Groenlandian egundoko glaziarrak zeudela esan baitzioten. Kostaldera hurbildu eta han ez zegoen glaziarrik, zuhaitzez estalitako lautadak baizik. Haizea baretu zen eta eskifaiak pentsatu zuen une egokia zela lehorreratzeko, eta urez nahiz egurrez hornitzeko. Baina Bjarnik ezetz, ez zutela ezeren beharrik eta aurrera egingo zutela. Hiru egunez hego-mendebaldeko haizeak bultzatu zituen eta, hirugarrenez, lur idorra azaldu zitzaien zerumugan. Lurralde menditsua zen, eta glaziar bat ere ikus zitekeen ontzitik. Kosta ertzetik ibili ziren uharte bat zela ikusi zuten arte. Baina hura ere ez omen zen Groenlandia. Aldeko haizea aprobetxatuz, itsas zabalera jo zuten berriro. Lau egun eta ekaitz gogor bat pasa ziren, laugarrenez lehorra ikusi zuten arte. Eta azkenean Bjarnik lehorreratzeko agindua eman zuen, eskifaia-kideen pozerako. Lurmutur estu bat aukeratu zuten horretarako eta, ezustean, Bjarnik hantxe topatu zituen gurasoak. Bertan geratu zen, aita hil artean. Baina bere bidaian ikusitako –eta zapaldu gabeko– lurren berri berehala zabaldu zen bikingoen lurraldean. Erik Gorriaren seme Leif Eriksonek Bjarniren drakkarra erosi omen zuen eta 35 lagun bilduta hark egindako bidea berriro egin zuen. Adituen esanetan, Vinland izeneko kolonia Eriksonek sortu zuen Ternuan eta horren lekuko da L´Anse aux Meadows aztarnategi arkeologikoa. Bjarniren bidaiaren froga fisikorik ez dago, ordea, eta zaila da esatea sagaren kontakizunean zer den egia. Baina Manitobako Unibertsitateko (Kanada) T. J. Oleson historialariaren hitzetan, "argudio sendoak ditugu Bjarnik ikusitako lurraldeak Ternua, Labrador eta Baffin uhartea zirela pentsatzeko".
news
argia-e5e8f5ac3826
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/ikurrina-betaurrekoetan.html
Ikurrina betaurrekoetan
Andoni Egia Olaizola
2017-11-26 00:00:00
Ikurrina betaurrekoetan Fisika kuantikoak, fisikaren arloan egindako ekarpenez gain, subjektuaren eta objektuaren arteko egiturazko harremana utzi zuen agerian. Subjektuak objektua eraikitzen duela bistarazi, eta mundua ulertzeko erabiltzen zen gerturapen bakar eta absolutua zen metodo cartesiarra ezbaian jarri zuen. Feminismoak aspaldi azaleratu zuen gure begiraden partzialtasuna; kontzienteki betaurreko moreak jantzi, eta munduari patriarkatuak sortzen dituen botere harremanetatik begiratzea proposatu zigun. Egun, badakigu betaurreko morerik gabe, patriarkatuaren zentzu komunak ematen diola izena izanari, ez baitago begiralearen begietatik at existitzen den errealitaterik. Begiraleak eraikitzen du begiratzen duen hori. Arre edo so. Kataluniako prozesu independentistak estatuko taula politikoa irauli du: Ilusioa, gorrotoa, nahasmena eta lilura barreiatu ditu estatuko zein Europako alderdi eta eragile gehienen artean, bereziki, arrazoi bat dela edo bestea dela, emantzipazioa helburu duten mugimendu politiko edo lurraldeetan. Nahasmena nabarmena da estatuko ezker estatalista zein euskal subirautzazaleen artean, eta nago, nahasmen honek, 78ko erregimena eraisteko ireki zaigun aukera bertan behera utzi, eta erreakzio zentralista demofobikoari ateak irekiko dizkiola, parez-pare. Nahasmen honen iturburua bi esparru politiko hauek prozesuari begiratu eta ulertzeko erabiltzen dituzten betaurrekoetan dago, zehazki, betaurreko horien kristalek daukaten kolore gorri-hori edo berde-txuri-gorrietan, hau da, subjektuak, objektua begiratzeko orduan daukan kokagune aprioristikoan. Batzuentzat –ezker espainiarzaleentzat– arazo dena, besteentzat –euskal subirautzazaleentzat– ezinbesteko baldintza da, eta badirudi biek ala biek muturren aurrean daukaten aukera galtzen ikusiko dutela, bakoitzaren "errealismo magikoak" liluraturik, eta burgesia katalana prozesuan egotearen arrazoiak arazotzat edo ezinbestekotzat ulerturik. Zer pasa zen 10.000 lagunek parte hartu zuten 2011ko Diadaren, eta milioi bat eta erdi bildu zituen 2012koaren artean? Azken egunotan askotan entzun da "errealismo magiko" kontzeptua, batez ere Katalunian aldarrikatzen duten revolució dels somriures -aren inguruan aritzeko, eta batez ere, hain zabalduta dagoen uste horren ezinezkotasuna azpimarratzeko. Euskal Herrian ere errealismo magikoa oso hedatua dagoela dirudi, Katalunian gertatzen ari den independentzia prozesua ulertu eta bere alde egiteko garaian. Badakigu, jazotakoaren diagnostikoaren zehaztasuna dela ekiteko orduan gehien eragiten duen aldagaia. Eta nago, orain arte diagnostikoa egiterakoan elementu bakarra erabili dela, gure egitura politikoan nagusi dena: naziotasuna. Galdetu al du inork zein den arrazoia 2002an "Independentzia kontzeptu zaharkitua eta oxidatua da" esan eta Espainiako monarkia defendatzen zuen Artur Masek eta bere alderdiak independentziaren bandera hartu, eta prozesu honen buruan jartzeko? Galdetu al du inork zer pasa zen 10.000 lagunek parte hartu zuten 2011ko Diadaren, eta milioi bat eta erdi bildu zituen 2012koaren artean? Galdetu al du inork zer dela eta egon zen prozesua pikutara joatear CUPek ez zuelako Artur Más "President" izendatu nahi? Eta zer dela eta egon zen prozesua pikutara joatear CUPek ez zituelako inora ez zihoazen aurrekontuak onartu nahi? Axola al du? Axola al zaigu? Galdetuko al diegu? Artur Mas eta Nuria Gisbert helikopteroz iritsi behar izan ziren Parlamentura, murrizketen aurkako protesten ondorioz. Euskal errealismo magikoa alde batera utzi, ikurrinaren koloretako betaurrekoak erantzi eta independentzia prozesu honen erraien oinarri materialak identifikatu eta aztertzeko garaia da; umiltasunez, ulertzen ez dugula aitortu eta galdetzen hasteko momentua da honako hau. Bihar baino, gaur hobe. CUPeko militante Josep Manel Busqueta eta Pau Llonchek Crític egunkari digitalean argitaratutako hiru artikuluetan azaldu bezala, ekonomia kapitalistaren egiturazko krisi multidimentsional batean aurkitzen gara. Beren hitzetan, gure esparru geografikoan bederen, alternatiba liberal edo sozialdemokraten eskutik irteerarik ez duen krisi kapitalista da. Azken urteotan krisi ekonomiko honen ondorio politikoak parez-pare agertu zaizkigu, bai Europan zein AEBetan: ordura arteko hitzarmen sozialaren deuseztea, austeritate politiken bidez gertatu den pobreziaren hedatze izugarria eta estatuen subirautzaren desagerpena eraginez –Grezia da erakuslerik argiena–. Honen guztiaren ondorio argiak ditugu ultraeskuinaren igoera beldurgarria, Trump, Le Pen, Brexit, Poloniako gobernu arrazista eta abar. Okerrena da krisiari langile klaseak emandako erantzuna izan dela hori guztia. Katalunian ere krisi ekonomikoaren inpaktua oso latza izan zen –eta da–, hainbat faktoreren ondorioz: bere egitura produktibo desindustrializatua, kokapen geografiko periferikoa, estatu espainiarrean duen enkaje prekarioa eta bertako agintariek ezarritako politika neoliberal eta austerizidak. Azpimarratzekoa da CiUren gobernuak 2010eko hauteskundeak irabazi ondoren, krisiari erantzuteko hartu zituen erabakien norabidea. Murrizketak egin zituen ongizate estatuaren zutoin nagusietan, hala nola, hezkuntzan, osasunean, funtzionarioen soldatetan, eta hau guztia gainera, alderdiaren ustelkeria argitara ematen ari zen bitartean: Palau kasua eta %3-aren afera besteak beste. Katalunia eta bereziki Bartzelona ezagutzen duen edonorentzat ez da harrigarria izango horrelako murrizketek eragin zuten borroka zikloaren tamaina irudikatzea, aipatutako sektoreetako langileek piztutako borrokei –langile publikoen grebak, medikuen desobedientzia ekintzak kontsultak itxarongeletan egiten, hezkuntzako langileen greba eta protesta gogorrak– M15 mugimendua gehitu zitzaiolarik. Maiatzaren 15eko mugimendua ere ezinbesteko mugarria da egungo prozesua ulertzeko: plazetan hilabete luze eutsi, indarrak metatu, eta erregimen politiko-ekonomikoari hortzak erakutsi zizkion, Kataluniako kasuan, aturem el parlament ekintza masibo zein erradikalean egikarituz, murrizketa basatiak onartu behar zituen parlamentuko saioa blokeatuz eta Mas helikopteroz sartzera behartuz. Honek guztiak, elite ekonomikoen mesedetan kudeatzen ari zen krisi ekonomikoa, boteredunen krisi politiko bihurtu zuen, eta Kataluniako harreman sozial kapitalisten birsortze dinamika egonkorra ezbaian jarri zuen. Dominazio harremanen bizirauteak behar duen legitimitate politikoa bukatu zen. Diskurtso, promesa eta marko berriak ezinbestekoak bihurtu ziren ordura arteko botere harremanek jarrai zezaten. Dominazio nazionalari aurre egiteak eragingo lukeen espainiarren kontrako talkaren, eta krisi kapitalistak eragiten duen klaseen arteko talkaren artean Kataluniako botere egiturek, politikoek batez ere, hautua egin zuten: Independentzia. Edo, independentzia prozesua. Prozesua batez ere, Processisme bezala ezagutu dena. Honek ahalbidetu dio PDeCATi –eta Masi JxSI inposatuz– jendartean ez zuen ordezkaritza eta indarra, erakundeetan mantentzea. Orain ulertzen al da zer pasa zen 2011ko eta 2012ko Diaden artean? Orain ulertzen al da zergatik ez zuen CUPek Mas presidente izendatu? Orain ulertzen al da zergatik ez zituen CUPek lehenengo aukeran aurrekontuak onartu? Orain ulertzen al da CUPek prozesuari egindako ekarpena? Duela 15 urte independentziazaletasuna %10aren bueltan zegoen herrialde honen independentzia prozesua hertsiki dago lotua krisi kapitalistak eragin dituen kontraesanekin, baita beroni eskaintzen zaizkion irtenbideekin ere. Espainiar ezkerzaleek ikusi nahi ez badute ere, eta euskal subirautzazaleek arrazoi marjinaltzat hartzen badute ere, duela 15 urte independentziazaletasuna %10aren bueltan zegoen herrialde honen independentzia prozesua hertsiki dago lotua krisi kapitalistak eragin dituen kontraesanekin, baita beroni eskaintzen zaizkion irtenbideekin ere. Eta ez balizko etorkizun batean, baizik eta hemen eta orain, prozesuaren alde burutu diren bi greba orokorrek (eta bide mozketek...), CNTk, CGTk eta CDRek hartu duten protagonismoak erakusten duten moduan. Edonola ere, azken hilabeteotan agertu den espainiarzaletasun berriaren klase konposizioak erakusten duen moduan, JxSí-ren bidez PDeCATek mantendu duen lidergoak galga jarri dio independentismoaren hazkundeari, identitate espainiarra duen langileriaren zati handi bat kanpoan geldiarazi, eta independentismoak %48a gainditzeko duen zailtasuna egiturazkoa bihurtu baitu, antzina PSUCek lideratzen zuen Bartzelonako gerriko gorria, C's-en gerriko laranjarekin aldatuz. Hau guztia gurera ekarriz, atera ditzagun ikasgaiak eta aprobetxa dezagun muturren aurrean agertu zaigun aukera. Utz diezaiogun elkartasun keinuak egiteari, eta ireki diezaiogun bigarren frente bat erregimenari. Antagonismo politikoa egikaritzeko garaia iritsi zaigu, independentzia, "adierazle huts"en abstrakziotik –gazteleraz " significante vacío "–, errealitate materialetan konkretatzeko beharra daukagu. Demokrazian eta naziotasunean oinarritzen diren diskurtsoak garatu, sakondu eta gainditu ditzagun eta has gaitezen egunerokoan kolpatzen gaituzten dominazioei ematen dizkiegun erantzun praktikoak, subirautza esparru bihurtzen, askegune materialak eraikitzen. Subirautzaren ideia jendarte gatazketan kristalizatu, eta gehiengo sozialaren behar eta desioak hemen eta orain egi bihurtzen. David Fernándezek dioen moduan, egun eta hemen ez dago Demokraziatik Askatasunera dagoen bidea egiterik, has gaitezen bada, Askatasunetik Demokraziara dagoen bidea arakatzen. Kataluniak erakutsi digun bezala, auzi nazionala eta soziala ez baitira txanpon beraren bi aurpegi, txanpon bakar baten, daukagun txanpon bakarraren, aurpegi bera baizik.
news
argia-a4cb29adbe3f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/oiartzungo-hazi-barietateak-aztertzen.html
Oiartzungo hazi barietateak aztertzen
Garazi Zabaleta
2017-11-26 00:00:00
Oiartzungo hazi barietateak aztertzen Oiartzungo hazi barietateak eta horiek bertako gastronomiarekin duten lotura aztertzen aritu da Eneko del Amo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzailea. Dinamizazio Agroekologikoa graduondokoan egin du azterketa. "Lan honek bi hanka ditu: bata jada egina dagoen ikerketa da, eta bestea orain Oiartzungo Elika kooperatibarekin martxan jarri nahi dugun ekintza". Ikerketa-ekintza metodologia du lan teoriko-praktiko horrek, aztertutakoa kaxoian gordeta gelditu beharrean errealitatean eragitea du asmo. Hazien truke sarea, pixkanaka zahartzen 200 urte inguruko antzinatasuneko hiru arto, hainbat babarrun barietate eta bertako arbi haziak topatu ditu Del Amok Oiartzungo baserrietan egindako hamar elkarrizketetan. Adineko jendearen artean hazien hartu-eman handia dagoela kontatu digu, eta gehienek, gainera, ez dute hazi bakarra partekatzen, ia beti hazi barietate ezberdinak elkarbanatzen dituzte. Arto eta babarrunarenak dira han-hemen gehien topatu dituenak. Hazien sareak denborarekin ahultzen doazela azaldu digu ikerketaren egileak. "50 urtetik beherakoen artean zirkuitu horiek apaltzen doaz. Egon badaude trukeak, baina gehienbat baserri giroari edo landa bizitzari lotuagoak dauden gazteen artean", dio. Aziendak mantentzen dituztenek, adibidez, hazi barietateak kontserbatzeko eta trukatzeko ohitura handiagoa dutela azaldu digu. Baratzea "lehengo bizimoduaren" gotorleku Agroekologiaren barruan gai asko uki zitezkeela jakitun, baratzeari lotutakoak zergatik lehenetsi dituen kontatu digu Del Amok: "Gure lurraldeak jasan dituen paisaia aldaketa guztien artean, nolabait bizirik mantendu diren 'irlatxo txikiak' dira baratzeak. Abereak desagertzen doaz, basoak erabat aldatu dira baso-politiken ondorioz… baratzeak ere transformatzen joan direla nabarmena da, baina nolabait jendearen ondoan mantendu dira gaur arte". Aldaketak aldaketa, lehengo bizimoduaren gotorleku bezala uler daitezke baratzeak: "Barietate tradizionalen eta horien gaineko ezagutzaren gordailu biokulturalak dira". Landa inguruko herri txikietan ere hiriko dinamika asko gailentzen diren garaiotan, lurrarekin eta lehengo bizitzarekin lotura egiten diguten zubiak dira.
news
argia-e515b013d436
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/emozioak.html
Emozioak
Montserrat Auzmendi del Solar
2017-11-26 00:00:00
Emozioak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-zikloaren bigarren kontzertua ez da saio arrunta izan. Kalitate eta sentimendu asko pilatu ziren eszenatokian, topaketa ahaztezina bihurtzeko. Alde batetik, egitarau potentea, gero komentatuko dudana, bi obra zoragarriz osatua; eta, beste alde batetik, arrazazko bakarlaria, musika eta bere soinu-tresna modu ikaragarriz sentitzen dituena eta sentimendu hori jendearengana helarazten duena. Joaquín Achúcarro piano-jotzaile bilbotarrak azaroaren 1ean 85 urte bete zituen, taula gainean, artista handiek bezala, eta sasoian. Maurice Ravelek Esku ezkerrarentzako piano eta orkestrarako kontzertua, Re maiorrean Paul Wittgenstein pianista austriarrari dedikatu zion, musikari honek (Ludwig Wittgenstein filosofoaren anaia) eskuineko besoa galdu baitzuen I. Mundu Gerran. Obra ederra da, mugimendu bakarrekoa, non ehundura orkestralak eta ñabarduren aniztasuna oso garrantzitsuak diren. Nahiz eta zailtasunez beterik egon, Achúcarrok lezio bat eman zuen. Jakin zuen egokitzen gaur egungo bere teknika bertsio dotorea egiteko, ez hain perfektua, baina bai benetan iradokitzailea. Bis bezala, Chopinen Nokturno bat oparitu zuen, oso intimista, delikatua eta sentitua. Saioaren bigarren zatian Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviño zuzendari titular berriak lan handi bat eskaini zuten: Dmitri Xostakovitxen 11. Sinfonia, sol minorrean, op. 103 ; 1905. urtea. Sinfonia erraldoi horrek 1905. urteko Errusiako igande odoltsua  oroitzen du, estilo programatikoa azalduz. Lanaren lau zatiak ( Neguko Jauregiko plaza, Urtarrilaren 9a, Betiereko oroimena eta Tocsin –alarma seinalea–), ondo marraztuta agertu ziren, pasioz. Aitzakia ona izan zen Xostakovitx hau Treviño zuzendariaren nortasuna ikusteko. Oso gaztea da, 34 urte besterik ez ditu, baina zuzendari kanporakoia da, dena ematen duena interpretazioetan, buru-belarri sartzen dena partituran. Konektatu egin zuen entzuleekin eta agian konexio hau da Euskadiko Orkestrak une honetan behar duena. Zorte on!
news
argia-290bf28f3dcd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/azalaren-memoria.html
Azalaren memoria
Nora Barroso
2017-11-26 00:00:00
Azalaren memoria Hamar urte inguru nituela helduagoa zen mutil batek modu jarraituan gehiegikeriak eragiten zizkidan. Lagunekin ikusten nuenean dardarka hasten nintzen, gaur ez mesedez, pentsatzen nuen. Baina debalde, bere lagunei " Voy a por ella " esan eta atzetik etortzen zen. Korrika joaten nintzen baina segituan harrapatzen ninduen. Bazterrean atzetik heldu eta oso gogor estutzen ninduen "Como grites…" esaten zidan. Ez zuen beste ezer gehiago esan beharrik. Orduan gorputz guztia ukitzen zidan paretaren kontra jarrita, buruz behera jartzen ninduen hanketatik helduta… Lagunen artean sortzen zuen beldurraren babesean, bere boterea medio, inpunitate osoz jarduten zuen. Orain tortura baten moduan sentitzen ditut ekintza horiek guztiak. Hamar urteko haur batek sexualitatearekin dituen harremanak bere sexuaren esplorazioarekin dituenak izan ohi dira, edo-eta bide horretan inguruko lagunekin konpartitzen dituen ekintzak. Adin horretan zikina sentitzen nintzen, lotsatuta, nire errua zela pentsatzen nuen, gauetan isilean negarrez lokartzen nintzen. Fisikoki eta psikologikoki oso zapalduta nengoen. Egoera aldatzeko asmoz ihes egiteko modua eraiki nuen –bera baino bizkorragoa izan behar dut, horrela ez nau harrapatuko–. Eta hala egin nuen. Trebatu nahian, korrika egiten nuen eta toki guztietako eskailerak binaka igotzen hasi nintzen. Lortu nuen eskailerak ziztu bizian igotzea; nire borreroa nekatu egin zen eta egoerei ihes ahal egin nien. Jazarpen baten historia da hau, inguruaren isla dena. Modu batera edo bestera pertsona ugarik bizi izan dute antzeko pasarteren bat, forma ez da berdina izango baina boterearen gorputza bera da Isilagoa bihurtu nintzela sentitzen dut, begirada tristatu zitzaidan, amets gaiztoak areagotu ziren; lokartzerakoan beti gauza bera, norbaitengandik ihesi eta ezin hankak mugitu. Gauza txar hori nire sekretua zen, ezin nuen kontatu; hasieran beldurragatik, gero lotsagatik, ondoren "ba, denbora asko pasa da...". Zama horrekin eraiki behar izan dut sexualitatea eta nire buruarekiko dudan maitasuna; hau guztia pisutsua izan da oso. Minak gainditzeko modu ugari daude, ulertu ala ez errespetatu behar direnak. Eta ulertu dut hamar urteko neskatila hura dela gaur hemen idazten ari dena, biharko emakumea ere badela gaur hemen dagoena, gaur ez naizela atzo baino ausartagoa eta momentuan barruari begiratzeko eman diodan aukeran egon dela gakoa nirean, bizipenak metatu ahala irtenbideak eraldatzen joan direla eta harro nagoela korri egiteko erabakia hartu izanaz, lehenengo segundotik hasi zen iraulketa. Jazarpen baten historia da hau, inguruaren isla dena. Modu batera edo bestera pertsona ugarik bizi izan dute antzeko pasarteren bat, forma ez da berdina izango baina boterearen gorputza bera da.
news
argia-4bd0df38ddfa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/rafael-chirbesi-bizian-egin-gabeko-bisita.html
Rafael Chirbesi bizian egin gabeko bisita
Aritz Galarraga
2017-11-26 00:00:00
Rafael Chirbesi bizian egin gabeko bisita Aspaldiko zor bat kitatuta, Rafael Chirbes zenaren etxean egon gara, Beniarbeigen, Alacanten. Aukera baliatu dugu, ez bakarrik idazlearen izena daraman fundazioaren zeregina ezagutzeko, baita idazlea jaio eta hiltzen ikusi zuen geografia, haren liburuetan hainbestetan agertzen dena, zapaltzeko ere. Azken mezua 2013ko ekainekoa da. Udaberri hartan En la orilla izugarria atera zuen Rafael Chirbesek , elkarrizketa proposatu nion, baina ea utziko genuen uda pasa osterako: "Ezin lehorrago nago, ez dakit zenbat elkarrizketaren ondoren". Jada 2008an, Crematorio ikaragarria atera eta gero, ondo damutu nintzen, autoa hartu eta Beniarbeig aldera joan ordez, lehen elkarrizketa hura distantziatik egin izanaz. Auskalo zer gertatu zen gero 2013ko udazkenean, ez dut gogoan, baina Chirbesi buruz izan nuen hurrengo berria 2015eko abuztukoa da. Haren heriotzak Galizian harrapatu gintuen, inoizko oporraldirik segur aski gozoenean. Alferrik izango ziren handik aurrerako temak: Chirbes bere etxean elkarrizketatzeko aukera joana zitzaidan, behin betiko. Katalan hiztuna izan, baina katalanez ez idazteak sortzen zion kontraesanik 'De lugares y lenguas' artikuluan adierazi bezala Ez, ordea, Chirbesen etxea bisitatzekoa. Are, haren familiak, ilobek, iloba batek, Manolok, osabaren omenezko fundazioa sortu eta Beniarbeig aldeko etxea bisitatzeko aukera eskaintzen zuela jakin nuenean. Osabaren nahia izan zen: ia hogei urtez, azkenak, bizi izandako etxea bisitariei irekitzea, bertan pilatutako liburuak eta testuak erakusgai jartzearekin batera, kontsulta eta ikerketarako. Biblioteka, 6.000 ale ingurukoa (tartean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano), katalogatze lanetan dago orain. Akaso garrantzitsuagoa: idazlearen hainbat eskuizkribu, argitaragabeak, nobelak tartean, irakurri daitezke bertan. Nobela argitaragabeak, idazleak gazte garaian idatzi, eta bizian sekula publikatu nahi izan ez zituenak. Aukera izan baduen arren, sendiak ere argitaratuko ez dituenak, "nor gara gu orain osabaren borondatea zapuzteko". Besterik dira idazlearen memoriak, argitaratzeko-edo gertu utzi zituen sei alekiak. Fundazioak egiten duen beste lanetako bat, hain zuzen, idazlearen obra zabaldu eta ezagutaraztea baita. Urte bukaeran argitaratuko dute, Valentziako katalanera itzulia, La buena letra eleberria. Chirbes, katalan hiztuna, beti kezkatu izan zuen ama hizkuntzak, espainolez eta Gaztelan eskolatua izanagatik (aita hil zitzaionean, burdinbideetako langileen umezurtzen kolegioetan) sekula galdu ez zuenak. Katalan hiztuna izan, baina katalanez ez idazteak sortzen zion kontraesanik, De lugares y lenguas artikuluan adierazi bezala: "Berriz sentitu nuen hizkuntza hori nire idazketarako galdu izanaren mina". La buena letra eleberriko protagonistek, hartara, aukera izango dute aurki berez hitz egiten zuten hizkuntzan jarduteko: "Arraroa egiten zitzaigun", dio Manolok, "aleman, ingeles, frantsesera, are txinerara itzulitako idazle bat bere ama hizkuntzan ezin irakurtzea".   Anagrama etxearekin argitaratu berri den El año que nevó en Valencia narrazio laburrean ere ageri da hizkuntzen arteko talka, idazleak ulertzen zuen moduan agertu ere, klase gatazka baten gisa: hiriburuko jendeak gaztelaniaz egiten du, herrietatik datozenak valentzieraz, boteredun eta menekoen arteko arrakala agerian geratzen dela. Fikzioaren baitan beti, baina idazlearen biografiaren zantzuak igar daitezke kontakizun horretan: aita hil berri, familia elkartu egiten da, agur urrina duen urtebetetze festa batean. Ez alferrik, narratzaile haurra, Chirbesen egiazko Avilara joan ordez, fikziozko A Coruñara joango baita: "Ordurako, hasia nintzen jakiten ez ginela inongoak". Joan aurretik sorlekuari atxikimendua erakutsi ondotik, noski: "Horren guztiaren parte izan nahi nuen". Nazioarteko kongresu bat antolatuko du Chirbes fundazioak 2018an, Mimoun lehen eleberria argitaratu zela 30 urte joan direla ospatzeko. Argazkia: Philippe Matsas-Opale Marina Alta Dena den, Beniarbeig aldera egindako bidaiaren asmoa ez da bakarrik izan Chirbesen etxea ezagutzea. Ez bakarrik mimo handiz idazlearen izena daraman fundazioa daraman Manolo iloba ezagutzea. Idazleak arnasten zuen geografia ezagutzeko nahia egon da halaber, ikusteko, usaintzeko, ukitzeko haren paradisu galdua, paradisu berreskuratua. Esana dugu, zortzi urte zituenetik han-hemenka ibiltzera behartua, Avila, Leon, umezurtz eskola batetik bestera, unibertsitate ikasketak egitera gero Madrilera, irakasle Marokora, Bartzelona, A Coruña orain egiazkora, hamabi urte luzez Extremadurako herri txiki-txiki batean bizi izan zen. Ahaztu gabe, Sobremesa aldizkari gastronomikoarentzat lanean, munduan zehar kurritu zituen bazter guztiak ( El viajero sedentario liburuan bildu zituen artikulu horietarik zenbait). Eta, hala ere, "inpresioa izan dut bidaia guztiek balio izan didatela jatorrizko lekua hobeki irakurtzeko". Literaturan behin eta berriro bueltatu zen bere lekuetara, bere geografiara, bere herrialde txikira: "Itzuli izan naiz – La buena letra , Los disparos del cazador , La larga marcha eleberrietan–, ia nahi gabe, nire bizitzako iragan urruneko istorioetara, hemen gertatu izan zirenak, Valentzian". Azkenik fisikoki bueltatu zen arte, 2000. urtearen bueltan. "Inpresioa izan dut bidaia guztiek balio izan didatela jatorrizko lekua hobeki irakurtzeko", utzi zuen idatzia Chirbesek Beniarbeig, Marina Alta, Alacantera. Tavernes de la Valldigna, fikzioan Bovra deitzen duen jaioterritik 40 minutura, gurasoen Dénia hamabostera, Crematorio edota En la orilla alimalekoetan Misent gisa agertzen dena. Atzean Segaria mendia, aurre-aurrean Mediterraneo zabala ("arkakusoz betetako pakidermoa"), Marineta Casiana hondartza, aitona-amonen etxetik hain gertu, non ixten den nolabait Chirbesen zirkulu bitala, haren errautsak bertan barreiatuta. Dénian berean, hiltzear zegoelarik, familia bildu eta azken bazkaria egin zuten jatetxea. Edo azken urteak eman zituen etxe apartatutik herri kaskora egiteko, luze gabe tabernetara, laranjondoen artetik egin beharreko bidea. Bazuen, literaturan, maxima bat: dagoena kontatu behar da, baten bat molestatu arren, ikusten dena. Eta Rafael Chirbesek etxetik ikusten zuena hau da. Liburuetan harrapatu zuena. Higiezinen burbuila lehertu ondorengo paisaia. Baratze abandonatuak. Sasitza. Udazkeneko euriek belarrez estalitako hondakinak. Birkalifikazio urbanoa lortzeko atarian geratu ziren lurrak. Arrazoi duzue: asmoa ez zen bakarrik etxea ezagutzea. Ez bakarrik mimo handiz idazlearen izena daraman fundazioa daraman Manolo ezagutzea. Ez eta idazleak arnasten zuen geografia ezagutzea ere. Esango nuke asmo nagusia bizian ezin egin izan nion bisita egitea izan dela.
news
argia-2605ef77b954
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/errusiar-iraultzatik-iraultza-antikapitalistara.html
Errusiar iraultzatik iraultza antikapitalistara
Juan Mari Arregi
2017-11-26 00:00:00
Errusiar iraultzatik iraultza antikapitalistara Prentsan gogorarazi digute 1917ko errusiar iraultzaren data historikoa. Prentsa horren gehiengoa botere ekonomiko eta politikoaren mende dagoenez, iraultza hura deskalifikatu eta desterratu dute. Beraientzat, mugimendu hura herritarren kontrakoa eta antisoziala izan zen, eta terrorea, errepresioa eta totalitarismoa aipatu dituzte. Iraultza erabat negatiboa izan zela diote... baina iraultza orok bezala, alde ilunak eta alde positiboak dauzka. Duela ehun urteko errusiar iraultzak, akatsak eta ondorio ezkorrak izanik ere, munduarentzat aldaketa funtsezkoa ekarri du. Errusiako monarkiaren eta Estatu arkaikoaren erorketak mezu garbia eman zuen: gizartea aldatu eta eraldatu dezakegu. Horretarako beharrezkoa da borondatea eta baliabideak izatea. Iraultzarekin lortu zen familia gutxi batzuek herritarrekiko zuten nagusitasuna ezabatzea. Errusiar feudalismoak egin zuen bezalaxe, gaur kapitalismoak gutxi batzuen botere ekonomikoa inposatzen segitzen du gehiengoarengan, familia urri batzuek aldian aldiko gobernu politikoak erabiltzen dituzte. Etekinen pilaketa, bazterkeria soziala, prekarietatea, txirotasuna, berdintasunik eza, gerrak, armen karrera, migrazio politiko eta ekonomikoak, tortura, kartzela, erbestea... Ondorio praktikoak baizik ez dira horiek denak. Kapitalismoa garaitzeko beste iraultza bat beharrezkoa da, gizartearen eraldaketa erradikala ekarriko duena. Nola egin? Mugimendu politiko, sindikal eta sozialek euren eskuetan dute herritarren gehiengoak babestuko duen bide-orria garatzea. Elkarrekin eta batuta urratsak emanez gero, feudalismo moderno hori eraitsi dezakegu.
news
argia-22317e6d61c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/88-urtetako-erakusketak-eskura.html
88 urtetako erakusketak eskura
Nagore Irazustabarrena Uranga
2017-11-26 00:00:00
88 urtetako erakusketak eskura New Yorkeko Arte Modernoaren Museoa 1929ko azaroaren 7an zabaldu zuten, Wall Streeteko kraxa eta bederatzi egunera. Orduz geroztik 3.743 erakusketa egin dituzte, egun zabalik dauden bederatzi erakusketa eta instalazioak barne, eta MoMAren webgunean guztiak daude bilduta, Exhibition history atalean. Adibidez, inaugurazio-erakusketan Cézanne, Gauguin, Seurat eta Van Gogh margolari post-inpresionista ezagunen lanak bildu zituzten hilabetez. Webgunean, erakusketaren aurkezpena, 23 argazki –horietako bat, goiko aldekoa– eta 156 orrialdeko katalogoa daude guztion eskura.
news
argia-14fe8b101baa
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/andere-handi-iduri.html
Andere handi iduri
Itxaro Borda
2017-11-26 00:00:00
Andere handi iduri XX. mendeko abestia da Tupintegiko Roxali, Iparraldeko jendartea traumatizatu zuen gertakari baten lekuko. Musika alegera, hitzen arteko soinu jokoak, irudimena akuilatzen duten erranak eta agerpenak: guztiak, Parisera sehi joan emazte gazte batez burlatzeko eta irri hantuak askatzeko herrietako ostatuetan gizonak biltzen zirenean. II. Mundu Gerra bukatu zenean, Paris inguruan beso eta esku premia bazegoen berreraikuntzan lanean aritzeko eta 1947ko Marshall Planaren diru-laguntza erraldoiek iragartzen zuten garapena segurtatzeko. Ez ziren orduan Iparraldeko neskatxak baizik joan, Hegoaldeko askok ere exodoaren bidea hartu baitzuten, bonne espagnole gisa lan egiteko. Parisko burgesiako etxeko andere bakoitzak berea nahi zuen garbiketa egiteko, haurrak zaintzeko eta bere jabetasun sentimendua indartzeko, lo, ase eta diru apurraren trukean. Tupintegiko Roxali bertso sailaren egileak ezagutzen zituen Pariserako bidean zebiltzan herritarrak, arrebak behar bada, egilea nabarmenki gizonezkoa dela azaltzen dutelako kopla hauek. Gizonek zituzten denbora haietan kultura sorkuntzaren giderrak kontrolatzen eta partekatzerik gabe eramaten. Mutiko gazteak ere ukitzen zituen lurraldearen odol huste horrek. Alta trufa zakar gutxiago jasan zuten, nahiz eta irriz lehertzekoa den Niko Etxart eta Anje Duhaldek eskaintzen diguten Larraineko Ligeix handiak onduriko Buneta eta Txapela izeneko sorta. Herrian geldituen eta Parisera desterratuen arteko leizea zabalik dago oraindik Ipar Euskal Herrian: hirian bazegoen (ustez) zepotik ateratzeko bidea, aberats izan gabe auher bizitzeko lana, berritasuna, norberak bere burua anonimoki errealizatzeko moldea. Herrian aldiz sutondo xokoan kontrol sozial bortitzaren hegalpean laborari, garbi eta sano irauteko ziurtasuna bazuen edozeinek:     Ni ja nahi nük egon buneta kaskuan,     Ene sor-lekhü maite Uxkal-Herrikuan.     Ihurk e jakin-gabe zer düdan goguan,     Kobla zunbaiten huntzen süthondo-xokuan.   Elizak, emazteen partitzeak eragiten zukeen drama biguntzea zuen helburu, sarkasmoa eta trufa erabiliz. Oroz bat, nehork ez zuen Parisko Lili Roxali bat bilakatu behar emazte gurbila eta prestuaren ordez Hiriaren ikuspegi apokaliptikoa hedatzen zuten gazteentzat plazaratzen ziren Herria edo Sokorri bezalako kazetek: neskentzat bereziki gal leku amorala zen, etxeko jaunen umeak funtzionario bihurtzen ziren, beraz alferrak, gure mundu nekazaletan gaur arte irauten duen sinestea. Laborantzaren alorra erabat aldatzen ari zen, mekanizatzen, eta herriak desertatzen. Elizak, emazteen partitzeak eragiten zukeen drama biguntzea zuen helburu, sarkasmoa eta trufa erabiliz. Nesken hezkuntzan sartzen zen adibidez 1952an Piarres Narbaitzek (1910-1984) plazaratu Kattalinen Gogoetak liburua (Elkar, 1999). Haren eskutik daukagu halaber Xaramela bilduma, 1951koa, belaunaldiz belaunaldi emendatzen doana. Oroz bat, nehork ez zuen Parisko Lili Roxali bat bilakatu behar emazte gurbila eta prestuaren ordez:       Parisko Lili Roxali     Bai frantximent bai t'es xoli… Ez dakigu zuzen nork izkiriatu zituen Tupintegiko Roxali titulua duten koplak. Letrak berriak ziren, bai eta melodia ere antza. Amak kantatzen zituen Parisen sehi zegoela ikasirik. Beraz 1950. urtean jadanik famatuak ziren. Pentsatzen ahal da Eskualduna (1944 arte) edo Herria -ko apez idazle baten lumatik isuri obra dela. Hala uste dut behintzat, noizbait nonbait, Ithurralde izen goitiaz horniturik ikusi nuelako. Eta hori Piarres Lafitten (1901-1985) bigarren deitura zen, pseudonimo gisa baliatzen zuena artetarik. Funtsean, testuaren jabetasuna, luhusoarraren umore kokin eta zakarrari ongi legokioke. Tantilulilu tiluli…   Emakumeen bizkar jarri zuen Iparraldeko apezkraziak (notableek eta etxeko jaunek ere ondorioz) euskararen galtzearen zama. 'Tupintegiko Roxali' ospetsuan ugariak dira lotura horren zantzuak Emazteen desterratzea eta euskarari uko egitea parez zihoazen bertsolariaren mihi puntan, Parisek mamu erraldoiaren papera betetzen zuelarik. Emakumeen bizkar jarri zuen Iparraldeko apezkraziak (notableek eta etxeko jaunek ere ondorioz) euskararen galtzearen zama. Tupintegiko Roxali ospetsuan ugariak dira lotura horren zantzuak: arrunt kaskoin…, ez dio "bonxur" deneri…, hari eskuara ez aski, baina frantsesa balaki…, hago eskualdun Roxali … Ikusten da halaber bi mundu gerren garaitik hona euskara nola fetixizatua izan zen. Arana Goiriren nazionalismo irakaspenek muga laster pasatu zuten eta kantu honen egileen taldeko happy few horiek euskaltzaleak ziren, horietatik zenbait 1940tik hara Vichyko gobernuaren ideiekin konponduko zirelarik Aintzina hilabetekariarekin adibidez. Beste aldetik, bere burua esklabo gisa saltzera lerratuko ez zen klase sozial erran baten jabetza zen euskara urte haietan. Nekazari eskualdeetako buruzagi intelektualak ziren moralaren zaindariak, eta hauentzat Baiona bera, leku deabrutua zen: gorriekin harremanetan sartuz, bertan, odolaren garbitasunarekin batera, hizkuntza ere galtzen zen.     Tupintegiko Roxali     Tantilulilu-tiluli     Tupintegiko Roxali     Paristik zaiku itzuli         Dena fazoin         Dena takoin         Arrunt kaskoin…     Tupintegiko Roxali     Paristik zaiku itzuli.         I-i-i-i-. Roxaliren sortetxearen izenetik beretik isurtzen da kantuaren egilearen ironia soziala: tupinak frankotan lurrez dira, ez urrez, ahulak, hauskorrak, beraien sabel hantuekin nahikoa barregarriak. Tupintegian urguilu jasan ezin zerbait bazegoela nabaritzen da bertso hauetan. Jasan ezina, egiazki aberatsa eta puxanta den auzoarentzat bistakoa denez.     Andere handi iduri     Tantiruriru-tiruri     Andere handi iduri     Ez dio "bonxur" deneri         Ezpain gorri         Ile hori         Begi zuri…     Andere handi iduri     Ez dio "bonxur" deneri.         I-i-i-i-. Hemen agertzen da klase mespretxuaren eta genero apalestearen arteko gurutze-gunea. Makillatzen zen emaztea, frantsesa trabukatzen baldin bazuen gainera, prostituta itxuraren ezaugarriez apaintzen du olerkariak, Roxaliren kaltetan, irri egin araztea xede duelarik kontsonante ezberdinak uztartuz, tantitururi-tiruri eta i-i-i-i soinuek erakusten diguten bezala!     Karrikan xut-xut ibilki     Tantikukiku-tikuki     Karrikan xut-xut ibilki     Ai espantuka badaki         Luxe luxe         Mehe mehe         Ai tetele     Karrikan xut-xut ibilki     Ai espantuka badaki.         I-i-i-i-.   Bertsolariak ez dio barkatzen: ez dagokio bere jatorrizko klaseari urguilutan sartzea Roxali itxuratzen dugu herriko karrikan aztalekin zarata eginez paseatzen. Parisera joan eta zerbaitetan lortu duela erakutsi gogo du, ikasi duela, baina bertsolariak ez dio barkatzen: edozer egingo duela ere espantero bat baizik ez dateke, ez du balio indarrik egin dezan, ez dagokio bere jatorrizko klaseari, haurrak sehi eta mutil saltzen dituenari hots, urguilutan sartzea: bakoitza bego bere tokian eta apezari azken hitza.     Hari eskuara ez aski     Tantikukiku-tikuki     Hari eskuara ez aski     Baina frantsesa balaki.         Kiskun kaskun         J'en suis kaskun         Pas eskualdun.     Hari eskuara ez aski     Baina frantsesa balaki.         I-i-i-i-. Desafioz bezala, Roxalik bere euskaldun nortasuna ukatzen du j'en suis kaskun ahoskatzen duelarik. Edo kantaren egilearen fantasma da. Frantsesa lardaskatzen duelako, hutsen beldurrik gabe, uste du euskara baztertzen duela, biak batera ez direlako bizitzen ahal. Hamalauko gerratik itzuli ziren soldaduei kasik gauza bera leporatu zitzaien: larriki kolpatuak izateaz gain, abesten zen euskara ahantzi eta frantsesa ez zutela ikasi… Baina Tupintegiko Roxalik euskaldun geratzeko aukera zeukan egilearen gomendioak jarraitzen baldin bazituen:     Parisko lili Roxali     Tantilulilu-tiluli     Parisko lili Roxali     Bai frantximant, bai t'es xoli…         Utzan moda         Utzan tinta         Ai potreta…     Parisko lili Roxali     Hago eskualdun Roxali! Emazte eta ederki ezkondurik etxeko andere plantakoa bilakatzeko bidea seinalatzen zion kantariak azken koplan: makillatzea eta distiratsuki janzteari muzin egin eta euskaldunagoa agertuz. Orokorrean, gaur egun ere, euskaldun emakumeak ez dira baitezpada panpox jartzen, alderantziz, euskaldun izaeraren arropa-kodea nahikoa homogeneoa da: kolore ilunak, lemak kamisetetan, bilo moztura zorrotzak… bertsolariak Roxalirentzat finkatu ereduak barneratu zituzten emazte belaunaldiek gaurko egunera arte. Gutariko franko Roxali horien haur hotzak gara.
news
argia-5f4799f1dfe9
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/gauak-beldurgarriak-dira-riadeko-ritz-carlton-hoteleko-apopiloentzat.html
Gauak beldurgarriak dira Riadeko Ritz-Carlton hoteleko apopiloentzat
Pello Zubiria Kamino
2017-11-26 00:00:00
Gauak beldurgarriak dira Riadeko Ritz-Carlton hoteleko apopiloentzat Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze gazteak esku bete lan eduki zuen azaroaren 4an, larunbata. Hasteko, Riadera berak ekarrarazirik, dimisioa eman zuen Saad Hariri Libanoko lehen ministroak. Bestetik, Yemendik matxino huthiek jaurtitako misil bat iritsi zen Riadeko aireporturaino. Hirugarrenik, herrialdeko aginte osoaren jabe egin nahi duen Salmanek ekin zion elite politiko eta ekonomikoko zientoka jauntxoren atxiloketari. Urak arre datoz Arabiako basamortuetan. "Ekialde Hurbileko hiriburuetan Riad da segurtasun faltan txapeldun, hemen 32 urteko printze batek aginte absolutua eskuratu nahian egiten dituen urratsak iritsi dira inguruko herrialdeak balantzaka jarri eta beren lehen ministroak kargugabetzeraino. Are okerragoa, badirudi printze honi haizea ematen diola zertan ari den ez dakien lehendakari iparramerikar batek". Saudi Arabiak bizi duen irakinaldia honela laburbildu du David Hearst erredaktore buruak Ekialde Hurbileko aktualitatearen termometro izan nahi duen Middle East Eye hedabidean. Saudi Arabiako erregea oraindik Salman bin Abdulaziz Al Saud da, bere 81 urteekin, baina haren seme eta oinordeko Mohamed bin Salman gaztea da erresumako aginte makilaren jabe, aditu guztien arabera. Azaroaren 4an saudiarren armadak doi-doi lortu zuenean lurreratzea Yemendik matxino huthiek bidalitako misila –lehenbizikoz hiribururaino iristea lortu zutena– denak oroitu ziren Salman printzeaz: berak aginduta hasi zuten saudiarrek Yemengo gerra, Iranen indarra ahuldu nahian. Gero gerra konplikatu zitzaien Riadeko militarrei eta gosetez bezala koleraz Yemen hondamendira amiltzea baino askoz gehiago ez dute lortu. Azaroaren 4 horretan zabaldu zen Saudi Arabiako armadaren buru izandako Mutaib bin Abdallah atxilotu zutela. Horretan ere Salman printzearen zigorra ikusi zuen mundu guztiak, baina inork gutxik espero zuena zen biharamunean herrialdeko eliteko 200 pertsonalite atxilotu, Ritz-Carlton hotelean giltzaperatu eta guztiei ondasun oro kenduko zienik. Aurretik, printzeak iragarri zuen erresumako eliteen ustelkeria ikertzeko batzorde berezi baten sorrera, bere lanean edozein lege edo arauren gainetik ariko dena. Middle East Eye k beste kronika batean zabaldu duenez, iturri fidagarrietatik jakin dute Ritz-Carltonen bahitutako batzuk torturatuak izan direla , beste gauzen artean atzerrian dauzkaten diru eta ondasunen informazioak kantatu ditzaten. Etxe barruko arerioak inolako mugarik gabe jipoitzeko adina indar duen Salman printzeak bere kontrolpean dauzka Saudi Arabiako hiru armadak, munduko petrolio konpainia handiena den Aramco, erresumako afera ekonomikoen batzorde nagusia –zeinetatik gainbegiratzen baitu han burutzen ari diren pribatizatze operazio erraldoia–... Eta orain, gainera, bere esku hartu du hedabide saudiar nagusien kontrol osoa, Qatarreko Al Jazeera kenduta mundu arabiarrean kontsumituenak diren ART, MBC eta Rotana Media kateena. Atxiloketekin Salman printzeak kapital metatze basatia ere burutu du. Atxilotutako aberatsok milaka milioi dolar dauzkate inbertituak Twitter, Apple, Citibank eta beste hainbat konpainiatan, gehi mundu osoko konta ezin ahala jauregi eta higiezininetan. Bloomberg ek aipatu du blokatutako kontu korronteetan bakarrik 33.000 milioi dolar eskuratu ote dituen Salmanek. Bahitutakoen artean dago Bakr Ben Laden, abizen bereko familia ospetsuak daukan BTP eraikuntza holdingaren lehendakaria eta Meka hiri santuan higiezinen merkatuko erreferentzia nagusia. Milaka milioi dolar galtzen ari zen taldea 2015ean gobernuak kontratu publikoetatik kanpo utzi zuenetik, iaz bertan 77.000 langile atzerritar kale gorrian utziak zituen. Saudiek Iran zigortu... Libano jipoituz Salman printzearen sarekadak harrapatutako beste bat Saad Hariri da, uztailean bertan kiebra jotako Saudi Oger konpainiaren jabeetakoa. Ironiaz bezala, horrek eraiki zuen notable eta aberatsen presondegi bilakatutako Ritz-Carlton hotela, justu egun batzuk lehenago  "Basamortuko Davos" deitutako mundu mailako gailur ekonomikoaren kokagune izan zena. Baina gainera Hariri... Libanoko lehen ministroa da. Hariri, bezperan mundu guztiak lasai eta irrifartsu ikusi zutena, gauetik goizera Riaden agertu zen bere dimisioa ematen Libanoko lehen ministro kargutik. Michel Aoun lehendakari kristauak ez dio onartu. Libanoko indar politiko-militar nagusia den Hizbullahren buru Hassan Nasrallahk salatu du Hariri bahituta daukatela Riaden, hura askatzeko eskatuz. Agintari saudiarrek kate motzean loturik baimendutako elkarrizketa batean, Future TV kate libanoarrean esan du bera aske dagoela Riaden eta laster itzuliko dela Tripolira, baina bere jokaldiarekin herrikideak ohartarazi nahi zituela: "Libanoko populuaren artean shock positibo bat eragin nahi izan dut, kontura dadin zein puntutaraino dagoen egoera larrian". Hain kinka larrian ote? Libano erdiz-erdi harrapatu du gero eta gehiago gerra itxura hartzen ari den Saudi Arabiaren eta Iranen arteko talkak, Londresen LSE unibertsitatean irakaslea den Madawi Al-Rasheedek honela laburbildu duenez: " Saudi Arabiaren azken karta Libanon: Israel erabiltzea Hizbullah kolpatzeko ". Salman printzeak disimulurik gabe bere atzerri politikaren ardatzen artean jarri baldin badu duela gutxi arte arabiarrentzako tabu zirudiena, alegia Israelekiko elkarlana –Irani aurre egiteko, hori bai– tentatua egon litekeela irandarrei jipoia emateko... libanotarren ipurdian. Yemenen bi potentziek morroi bidez daramaten borrokan nagusitzea lortzen ez duenez, Salmanek menturaz horrela orekatuko luke balantza. II. Mundu Gerratik hona Libano Saudi Arabiaren eragin esferan mugitu da. Tripolin beti sunitak izan dira lehen ministroa eta bere ingurua, eta aldi berean negozioak egin dituzte Arabian, hango familiekin nahasiz. Ordainetan, Riadeko agintariek aliantza horrekin egin izan diete aurre Ekialde Hurbileko etsai nagusiei, 50eko hamarkadan Gamal Abdel Nasser panarabista ezkertiarrari, 1980tik Irani. Iranek Hizbullah bidez ondo asmatu baitzuen bereganatzen ordura arte bazter geratutako xihita jendea. Iran eta Hizbullahren erresistentziagatik ez balitz, oraindik Libanoko hegoalde osoa bere mende edukiko luke Israelek. Libanoko gobernua –gerra zibil luzea amaitzeko formulan– partekatzen dute  joera politiko eta erlijioso oso ezberdinetako ordezkariek, tartean kristauek, sunita saudizaleek eta xiita iranzaleenek. Salman printzeak, dirudienez, joko hori ere amaitutzat eman nahi du eta edozertarako dago prest Libanon Iranek daukan eragina ezabatzeko. Baita Israelekin elkartuta ere. Betidanik kokapen geopolitiko txit konplikatua daukan Libano larrialdi egoeran sartu da berriro. Egun batetik bestera aurki daiteke arabiarrek bertan dituzten inbertsio guztiak etenda, kapitalik gabe eta, gainera, zientoka mila libanoar Riadetik etxeratzera derrigortuta. Eta europarrok geundeke hurrengo errefuxiatu uholdearen atarian.
news
argia-0c23679374ee
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/try-just-a-little-bit-harder.html
Try (just a little bit harder)
Amaia Alvarez Uria
2017-11-26 00:00:00
Try (just a little bit harder) Uxue Alberdik helduentzat argitaratu duen laugarren lana da Jenisjoplin . Idatzitako bi ipuin bildumetan norberaren eta ingurunearen artekoez aritu zen, hainbat girotan kokatu zuen irakurlea, ezagunetik arroztu nahian. Ondutako bi nobeletan aldiz, ohiko lekuari kanpotik begiratu nahi izan dio memoria ariketa bat eginez beste begirada batez.    Alde batetik, euskal gatazkari (edo gatazkei) buruz hitz egiten du. Garai baten erradiografia egiten du mende aldaketari begira jarriz. 1980ko hamarkada hasieran jaio zen protagonista den Nagore Vargas, eta 2010ean 28 urterekin hiesa diagnostikatu diote, ETAk armak utziko zituela adierazi zuen urte berean. Beste alde batetik, euskal identitateari buruz mintzo da, egungo subjektu politikoa marrazten ahalegintzen da bertako pertsonaien, gertaeren eta hausnarketen bidez. "Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua katalizatzen zuen albokoaren aurka. Ni ikaragarri berotzen ninduen horrek guztiak" dio Nagorek. Hau guztia Janis Joplin musikari kaliforniarraren itzalpean. Sexua, droga eta rock and rolla izango ditugu harietako batzuk, hauen eragin eta ondorioak. Bizitza intentsitatez, konpromiso politikoz bizitzen du protagonistak, 27 urterekin gaindosiaren ondorioz hil zen abeslariak bezala. Nagorek, ordea, diagnostikoarekin, gelditzeko eta ingurura eta bere baitara begiratzeko aukera izango du. Flash-backetan kontatuko dizkigu bere haurtzaro eta gaztaroa inflexio puntura heldu arte. Hortik aurrerakoak tartekatuko ditu oroitzapenokin, eta horrela, garai aldaketa protagonistarengan hezurmamituko da, kultura epikotik zaurgarritasunaren kulturara pasatzen ari garela adieraziz. Hiru kapituluek zenbait argazki utziko dizkigute: euskal herri eta hirien tira-birak, edo zenbait bidaietako bizipenak. Horrekin batera, taberna, etxea, kartzela, zoroetxea, ospitalea, eliza, edo kaleari ere leku egingo zaie, mota askotako kokapen eta baldintzak eskainiz.   Gure errealitatearen bizimodu, kontraesan eta bertsio desberdinak erakutsi nahi dizkigu. Horretarako gelditzeko gonbitea egin digu, orain artekoari eta ingurura begiratzeko, Jenisjoplin -en hitzetan pixka bat gehiago saiatzera pasioz eta lasaitasunez, kontzientziaz eta zaintzaz bizitzeko.
news
argia-f7038b73db14
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/ongi-etorri-ikus-entzuleok.html
Ongi etorri ikus-entzuleok
Kattalin Miner
2017-11-20 00:00:00
Ongi etorri ikus-entzuleok Azaroaren 19an Amurrion jokatu zen finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehen saioa. Hauxe puntuek esan zutena: Sustrai Colina (701 puntu), Beñat Gaztelumendi (694,5), Jon Maia (681,5), Nerea Ibarzabal (675,5), Jon Martin (668,5), Etxahun Lekue (615). Ongi etorri ikus-entzuleok, beste behin ere, bertsoaren festara! Barka tonua baina igandean, Amurrio bisitatzeko aukera beste baterako utzi eta hainbeste goraipatu izan didaten streaming bidezko jarraipena egin nuen eta dirudienez txertatu egin zaizkit Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdik sortzen duten kirol eta literatura artean dabilen tonu hori. Alde batetik nire puntuaketa pertsonalak hartu nituen, eta ordena ia osoa asmatu zidaten nire epaile-intuizioek. Hori bai, denak 100 bat puntutik gorago, eskuzabala nauzue jaun-andereok! Bestalde, bertsoaren bukaera asmatzera nola, Alberdiren iruzkinak asmatzera ere jolasten saiatu nintzen, eta onartu behar dut, harekin alderatuta, bertsoaz tutik ez dakienaren konplexuz ere amaitu nuela kasik. Beraz, gaur ni isildu eta haiei utziko diegu hitz egiten. Colina nabarmen sumatu nuen nik gainetik, egiten dakien hori egiten dakien bezala egiten, ezta? - Bai Uxue, a zer nolako arte lana egin duen urruñarrak, finaleko maila erakutsi digu, bai horixe! - Dudarik gabe Aitzol, izugarri gustatzen zait nola sartzen den roletan, ia-ia zu sentitzen zara performatzen duen pertsonaia horren haragitan. Gaur goitik-beherako saioa egin du, esango nuke txapelketa bere osotasunean hartuta, inork egin duen saiorik onena egin duela. Segidan Gaztelumendi, perfekto, zuzen, konstante, eta gero ginda, bere berezitasuna: kartzelakoa. Entzuleok eskertu genuena, bere sinadura dena, eta BEC-erako billetea garantiekin eman ziona. - Pentsa ze erregularra den mutil hau, aurreko saioan atera zituen puntu berberak atera dituela gaur ere. - Beldurra ematen du Beñaten erregulartasunak, Aitzol. - Baina dudarik gabe, urterik urte geroz eta handiagoa den bertsolaria dugu. Jon Maiari antzematen zaio benetan finaleko oholtza zapaltzeko duen gogoa, eta onenak ematen ikusi dugu azken saioetan. - Agur kutsua hartu diogu azken bertsoari, Uxue? - Aukerak baditu Aitzol, hortxe-hortxe ibiliko da. Nerea Ibarzabal, fenomeno berriz ere. - Txapelketa ederra egin du markinarrak. Txunditu egin gaituen bertsolaria da bera! Zer diozu, Uxue? - Bada Aitzol, niri aspaldian gehien gustatzen zaidan bertsolarietako bat dela, maiteminduta nauka bertsolari honek. Ni ere bai Uxue, eta entzun zen txalo zaparradagatik, pentsa dezakegu entzulegoa ere irabazi duela. Jon Martin txapelketaz agurtu zen hasierako agurretik. - Ez du eskatzen genion bigarren salto hori egin. - Ez da batere erraza Aitzol, baino ze ondo defendatua, aizu! Etxahun Lekuek ere adio txapelketari. - Gaur, berak esan bezala, milagrorik ez Amurrion. - Baina ze umila den, ze elegantea… Eta hauxe dena Amurriotik ikus-entzuleok, azken dantza hasi da eta emozioz beteriko festa da Bertsolari Txapelketa Nagusiko fase honetan biziko duguna. Zuekin berriz izango gara Donibane Lohitzunen, ongi izan eta segi bertsoaz gozatzen! FINALAURRETAKO SAILKAPEN OROKORRA* Sustrai Colina (705,5+701)= 1.406,5 puntu Beñat Gaztelumendi (694,5+694,5)= 1.389 Jon Maia (675+681,5)= 1.356,5 Jon Martin (671+668,5)= 1.339,5 Nerea Ibarzabal (663+675,5)= 1.338,5 Etxahun Lekue (656,5+615)= 1.271,5 Maialen Lujanbio (750 puntu) Aitor Mendiluze (740,5) Aitor Sarriegi (705) Igor Elortza (703) Agin Laburu (690) Miren Amuriza (678,5) Oihana Iguaran (671) Jone Uria (669) Julio Soto (668,5) Unai Agirre (667,5) Alaia Martin (651) Iñaki Apalategi (648). * Bi itzulitara jokatzen ari dira finalaurrekoak. Lehenek dagoeneko bi saioak eginak dituzte eta puntuaketen batura dugu ikusgai. Zerrendako bigarren multzoak saio bakarra du jokatua eta hurrengo bi saioetan definituko da finalean zain duten Amets Arzallusekin ariko diren zazpiak zein izango diren.
news
argia-793a72886048
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/urko-apaolaza-avila.html
"Tekla egokia jotzen baduzu despatxuren batean norbait dardarka jartzen da"
Estitxu Eizagirre
2017-11-26 00:00:00
"Tekla egokia jotzen baduzu despatxuren batean norbait dardarka jartzen da" Manu Robles-Arangizek ARGIArekin elkarlana lotu ostean, Urko Apaolaza ELAren bulegora joan eta karpeta arrosa pasa ziotenean hasi zen guztia: "Ikusi orduko ohartu nintzen altxor handia genuela". Dokumentazio lanari AHTren obretara eginiko joan-etorriak gehitu dizkio kazetariak eta urtebeteren buruan esku artean du hankak lohietan idatzitako Zuloan liburua. Sindikalista zaildu batekin, ELAko eraikuntzako Gipuzkoako arduradun Igor San Joserekin sartu zara, kaskoa, peto horia eta botak jantzi eta obretara. Langileekin harremana nolakoa izan da? San Joseri antzematen zaio ohituta dagoela obretako hizkera berezian. Telefonoz patronalak deitzen zionean ere, berehala altxatzen zitzaion ahotsa eta sumatzen zen negoziatzen ari zela. Berak urtetan egindako lana izan dut oinarri eta bera da liburu honen protagonista nagusietakoa. "Langileekin harremana faseka joan da: hasieran  nahiko solte kontatzen dizute beren egunerokoa. Bigarren fasea beldurrarena da. Azkenik, borroka batean sartu izanaren kontzientzia hartzen dute" Niretzat hasieran ez zen erraza izan langileen azpimundu horretara sartzea. Harremana faseka joan da: hasieran ez dakite zehazki zertara zoazen eta hizketan hasita, nahiko solte kontatzen dizute beren egunerokoa, kexak... Bigarren fasea beldurrarena da: enpresariak jakiten dute gure lanaren berri eta enkargatua etortzen da zerbait esaten, eta langileak beldur dira kaleratuko ote dituzten. Beldur horretan tokatu zitzaidan une eder bat bizitzea: San Josek egun batean esaten die "honek ezin du horrela izan, hitzarmenaren arabera hau dagokizue, nik kasua eramango dut Lan Harremanen Kontseilura... hemen uzten dizuet nire telefonoa; nor egingo da kargu?" eta une horretan langile batek egiten du: "ekarri hona!". Hori pauso handia da, aurpegia ematera pasatzen denekoa. Horrela langileak langak gainditzen doaz, eta hurrengo bisitetan ikusten duzu askoz lasaiago daudela, dagoeneko enpresariek badakite zer dagoen, sindikatuek ere bai, eta langileak sentitzen du "ni ez naute toreatuko", asko sindikatura afiliatu egiten dira eta beste babes bat sumatzen dute... Borroka batean sartu izanaren kontzientzia hartzen dute. Bistan dena, hortik greba bat egitera bide luzea dago. Esku leuneko langile bat "esklabotza" hitzez behin baino gehiagotan izendatu duzun zulora sartuta... Zer diozu AHTko lanaz? "Langileak kanpotik etorriak izanik, hemen ez dute babes sarerik. Ahuldade handia dute eta enpresek hori baliatzen dute" Oso gogorra da. Eguzki epeletan bazoaz kontainer kanpoan atsedenaldian zigarroa erretzen ari direnean tira, baina euria edo hotza egiten duenean asko zailtzen da hor egote hutsa. Horrez gain, ordu pila sartzen dute lan astunean. Eta kanpotik etorriak izanik, hemen ez dute babes sarerik. Guri zerbait gertatuz gero familiarengana goaz, lagunengana, sindikatura, alkatearengana... Hauek ahuldade handia dute horretan eta enpresek hori baliatzen dute eurek esandakoa isilik onartzeko. Oihaneko legea da, hitzarmenez desinformazio handia dute langileek. "Beren herrian ez dute lanik, eta eurentzat asko da 1.200 euro" tabernan behin eta berriz entzuten duguna... Soldatena eskandalagarria da. 5 eta 6 euro kobratzen dute orduko. Sartutako ordu denak ez dituzte kobratzen, eta tarifa horretan sartzen dira ordu estrak, oporrak, dietak, dena. Hitzarmenaren arabera bikoitza ordaindu beharko liekete, eta estrak askoz gehiago, oporrak... egunero 10-11 ordu sartzen dituzte lanean. Langileen Estatutuak dio hilabetean 170 ordu sartu behar dituztela, eta hauek denek 200 ordutik gora sartzen dituzte. Ordu pila horiekin 1.200 euro kobratzera iritsi daitezke agian, baina kotizazioan kakazahar bat agertzen da... "Soldatena eskandalagarria da. 5 eta 6 euro kobratzen dute orduko eta tarifa horretan sartzen dira ordu estrak, oporrak, dietak, dena" Tabernako komentario hori egitea da errazena, betikoa, "ezer baino hobeto dela". Hori batzuen egoeraz probestea da, erbesteratu laboralak dira. Beren herrira joatean nahiko ongi ateratzen zaiela? Baina zer baldintzetan lan eginda? Eta ez dute aukerarik, enkargatuak esandakoari isilik obeditzea, Eta larriena da obra publiko bat dela! Hain justu obra publiko bat izaki, nola baimentzen du ikuskaritzak lan hitzarmena ez betetzea? Sindikatua ari da ikuskaritzaren lana egiten eta horrek ez du ez hanka ez bururik. Ikuskaritzari dagokio bermatzea langileen eskubideak beteko direla eta guk aztertutako kasuetan behintzat ez du bermatzen: epeak izugarri luzatzen ditu, edo ez du erantzuten, erantzuten duenean ez erabat... Pentsa ikuskaritza zorrotz jartzen dela eta enpresak hitzarmena betetzera behartzen dituela, beste edozein sektoretan enpresa guztiek bete behar duten moduan. Enpresei askoz garestiago aterako litzaieke obra eta denbora gehiago beharko lukete AHT egiten; ez dut uste Eusko Jaurlaritzaren nahia hori denik... "Negozioa gutxi batzuen esku geratu da eta etekin ekonomikoa ere bai. AHTren kasuan oso ikusgarria da esleipena nori egin zaion: 10etik 7 Espainiako etxe handientzat izan da, beraz, bertako enpresak aberasten dituen mitoa erori zaigu" Eraikuntza sektorearen egungo argazki bat ere ematen du AHTk. AHT paradigma moduko bat da, bai. Lehen enpresek bere langilegoa zuten eta azpikontratatzen zutena lan oso espezializatua zen, beraiek egiteko gaitasunik ez zutena. Baina hori guztia erabat desitxuratu dute Aldi Baterako Enpresa Elkarteek (ABEE). ABEEak, hasteko, pastela banatzeko modu bihurtu dira. Enpresa handi hauek merkatua jan dute baina ez dute bere langilegoa handitu, txikitu baizik. Obra batera joan eta Moyua enpresako bi langile aurkituko dituzu, Amenabarreko beste bi... koordinazio lana egiten dute baina kapital humanoa azpikontratek jartzen dute, jendea kanpotik ekarriz. ABEEak obra osoari prezio bat jartzen dio eta normalean merkeenari ematen zaio adjudikazioa, eta ondoren ABEEak azpikontratatu egiten du lana, beraz, esan dezakegu adjudikazio publikoen azpiko adjudikazio pribatuak direla, ezkutuan daudenak. Eta Euskal Herriko eraikuntza enpresa txiki pila bat ixten ari dira, joko horretan ezin dutelako lehiatu. Guztien lan baldintzak prekarizatu dituzte, eta langileari baldintza horietan ari edo beste sektore batera joan, ez zaio besterik geratzen. Negozioa gutxi batzuen esku geratu da eta etekin ekonomikoa ere bai. AHTren kasuan oso ikusgarria da esleipena nori egin zaion: 10etik 7 Espainiako etxe handientzat izan da, beraz, bertako enpresak aberasten dituen mitoa erori zaigu... [Beheko infograman ikusgai. Zuloan blogeko artikulu honetan azalpena]: Liburuan kontatzen duzunez, Zuloan blogean argitaratu zenuen lan esplotazio kasu bat eta patronalaren berehalako erreakzioa sorrarazi zuen, langileen lan baldintzak hobetuz. Euskarazko komunikabide txiki batek sinetsarazi nahi digutena baino gehiago eragiten du? "Erreakzio positiboak eragin ditugu, blogean argitaratutako kasu baten ondorioz enpresa konprometitu zen hitzarmena betetzera. Baina ardura ere ematen du, kontrakoa ere gertatu baita. Egin dugun mugimendu bakoitzak erreakzioa eduki du" Hasieratik nabari duzu patronala begira dagoela, adi. Tekla egokia jotzen baduzu, despatxuren batean norbait dardarka jartzen da. Sindikatu bat eta komunikabide bat elkarlanean ikustea ez zaie gustatzen. Gainera, enpresa hauek oso ohituta daude periodico handi erdaldunen agendaren arabera jokatzen. Etortzen da hedabide txiki eta euskaldun bat, ulertu ere egiten ez dutena eta itzuli egin behar dietena, eta galduago sentitzen dira. Erreakzio positiboak eragin ditugu, enpresa konprometitu zen hitzarmena betetzera. Baina ardura ere ematen du, kontrakoa ere gertatu baita, guk argitaratutako beste erreportaje batean aurpegia eman duten langileen bila joan dira. Egin dugun mugimendu bakoitzak erreakzioa eduki du. Lan honek zer eragitea nahiko zenuke? Nahi nuke liburu honen bidez jendeak ikustea zer dagoen horrelako obra baten atzean eta hausnartzea zer ari garen egiten: AHT bihurtu zaigu Euskal Herriko faktoria handienetakoa, erabateko lan-esplotazioan oinarritua, eta oso gutxi altxa dugu ahotsa horren aurka, langileen %80 atzerritarrak direlako. Hemen geratuko da obra hori, guk eta gure bilobek eta birbilobek ordainduko dugu... hemendik mende batera bizi direnak ere jabetu daitezela nola egin zen tren hau, ez zela egin azken teknika puntakoenak erabiliz, atzerriko langileen odola eta izerdia isuriz baizik. Egilea: Urko Apaolaza Avila. Argitaratzailea: Manu Robles-Arangiz eta ARGIA. Maketazioa eta inprimaketa: Antza. 168 orrialde. Prezioa: 14 euro. Lizentzia librekoa. Etxeratzeko: argia.eus-en dendan eta zure ohiko liburu dendetan. Durangoko Azokan: Urko Apaolaza ARGIAren mahaian egongo da abenduaren 6an eta 7an. Liburuaz edo gaiaz berarekin mintzatzeko aukera duzu. Gaiaren jarraipena: Zuloan blogean.
news
argia-823cec9970d7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/marc-badal-hankak-lokatzetan.html
"Historiaren estolda-zulotik joandako mundu baten ondorengoak gara"
Danele Sarriugarte Mochales
2017-11-26 00:00:00
"Historiaren estolda-zulotik joandako mundu baten ondorengoak gara" Hernanin bildu gara Luzaiden bizi den bartzelonarrarekin, bilera-oste eta bazkalaurreko tartean. Marc Badali buruzko informazioa bilatzean, honelakoekin egin ohi da topo: nekazaritza ekologikoa, okupazioa, autogestioa… Izan ere, orain 20 urte mendiko eta landa-eremuko esperientzia libertarioak ezagutu zituenetik buru-belarri ibili da gizarte-eraldaketaren praktikan. Nondik datorkizu landa-eremuarekiko interesa? Landa-eremuko okupazioaren barruan askotariko jendea dago, badaude punkaren girotik zetozenak, hiriko bizimodu eroa utzi eta mendira joan zirenak, gero beste batzuk hippyagoak… Baina gu hiriko militante petoak ginen. Ni neu, nire adiskideak eta gaur egun lankideak direnak buru-belarri geunden sartuta hiriko okupazio-mugimenduan, eta militantzia politikoaren bitartez hurbildu ginen landa- eta nekazal-eremura. Bartzelonan geundela ezagutu genituen halako esperientziak, Sasé (Huesca) eta Arizkuren (Nafarroa) herri okupatuak, besteak beste, eta gizarte-zentro autogestionatuetako kide batzuk hasi ginen autokritika egiten, ea guk egiten genuen hura, etxe okupetako festetan garagardoa saltzea, nolako autogestioa ote zen. "Barrikada utzi eta urazak landatzera" joan omen zineten. Nolatan? Bartzelonan halaxe esaten ziguten, hitzez hitz. Hasieran, mendira joandako haiek ikertzen hasi nintzen, eta gero ni bihurtu nintzen haietako. Mundu berri bat deskubritu nuen herri okupatu haietan, eta sentipen hori oso indartsua da. Leku txundigarriak izan ohi dira, zu bizi zaren tokia ez bezalakoak, eta proiektuak ere izugarriak iruditzen zaizkizu. Gero, sakondu ahala, gabeziak ere ikusten dituzu, baina 20 urteen irakinaldi horretan iruditzen zaizu halako toki batean askoz gehiago landu daitekeela eguneroko baliabideen autogestioa, ez soilik arlo materialean baizik eta harremanetan eta antolakuntza moduetan. Beste kontu bat da gero benetan zer dagoen, eta luze eta zabal hitz egin genezake genero harremanez eta botere rolez, baina praktikaren miseriak dira horiek, proiektu guztietan baitago, printzipioz, hori dena eraldatzeko asmoa. Zer ingurutan ibili zara? Hasteko, esan moduan, Sasén egon nintzen, husteko arriskuan baitzegoen eta azkenean hustu baitzuten. Jende mordo bat bildu ginen han Guardia Zibilaren zain, eta ez zetozenez, Arizkurenen antolatu zituzten topaketa batzuetara joateko esan ziguten, eta hara joan ginen. Gero, karrera amaitzera itzuli nintzen Bartzelonara, eta ikasketa amaierako lana egiteko Pirinioetako okupazio esperientziak ikertu nituen, batez ere Garrotxa eta Ripollès eskualdeetakoak. Zortzi urte egin nituen etxean, joan-etorrian, gauzak koordinatzen eta. Nafarroa, Huesca eta Alta Garrotxa ziren nire gune nagusiak. Zer-nolako proiektuak ziren? Ildo horretan dabilen jendeak hautatu ohi dituen tokiak nahiko muturrekoak dira, beraz, proiektu gehienek auto-hornikuntza dute helburu. Halako tokietan, normalean kanpoan lan eginez lortzen da dirua, mahatsa edo sagarra biltzen, edo akaso etxean egindako kosmetikoen ekoizpen txiki batekin. Berdurak edo haragia modu ekologikoan ekoitzi eta saldu nahi badituzu, badaude toki aproposagoak, beraz hala egin nahi dutenek bestelako tokietara jo ohi dute. Hasierako "euforia" pasata, bestelako hausnarketak argitaratu zenituen landa-eremuko astintzearen mugez ( Fe de erratas: La agitación rural frente a sus límites ). Urte asko egin nituen estatu osoan hitzaldiak ematen gai hauei buruz. Gero, Madrilgo Bajo el asfalto está la huerta kolektiboko Dani Lópezek eta biok liburu kolektibo bat koordinatu genuen, 50 lagunen testuak eta esperientziak biltzen zituena. Dani Madrilen zegoen eta ni harat-honat ibiltzen nintzen, fanzineak motxilan. Urte luzez egokitu zitzaidan koordinatzaile- eta dinamizatzaile-lanak egitea eta, halako batean, giroan nahiko irakurriak ziren zenbait autore hasi ziren landa-okupazioaz hitz egiten munduko arazo guztien konponbidea balitz bezala, eta hitzaldietan ere bazegoen beti norbait halakoak esaten zituena: "Hemen egin behar duguna zera da, Lakabekoak bezala, dena utzi eta mendira joan". Joera horri erantzuteko idatzi nuen testua. Urte asko egin ditugu gure proiektuak saltzen eta zabaltzen, eta oso ondo dago, ez diot gure proiektuak zentzugabeak direnik inolaz ere, baina ez ditzagun gure buruak ez besteak engaina, esanez hauxe dela panazea eta denek egin behar luketela guk bezala. Argazkia: Dani Blanco. Muga materialak aipatzen dituzu testuan. Maila materialean, autogestioaren kontua nahiko mugatua da, ezin zara merkantzien ekoizpen industrialaren saretik guztiz atera: gasolina behar duzu, materialak, tresnak… Asko murriztu dezakezu, eta egia da Sasén adibidez bertako buztina eta harriak erabiliz eraikitzen zirela borda txikiak, baina salbuespena da hori. Eta, gero, elikaduraren auto-hornikuntza zertan datzan, ba, oilo batzuk, baratzetxoa, esnea… Inork ez ditu urte osoko zerealak edo lekaleak landatzen. Beraz argi dago hori birpentsatu beharra dagoela. Edonola ere, zure iritzian, muga ez-materialak dira gakoa. Arlo pertsonalean eta elkarbizitzan, hortxe egiten dute huts gure proiektuek. Ez da gure kontua bakarrik, oro har mundu guztiak egin ohi du huts horretan, edozein lan-eremu eta familiatan daude gatazkak. Ez gaude besteak baino hobeto, baina ezta okerrago ere. Hori bai, egia da gure proiektuen helburu nagusietako bat dela marko berri bat ezartzea harremanetarako, elkarrekin bizitzeko, hazkuntza pertsonalerako... Bakoitzak jakingo du zer asmorekin joan den halako toki batera, baina esango nuke helburua ez dela, bere horretan, baratzea edukitzea; baratzea bitartekoa da, baratzea nahi duzu zuk ereindakotik jateko, beste pertsona batzuekin batera eraikitzeko eta abar. Hala ere, halako komunitateak ezagutu eta alde egin duen jende asko dagoen moduan, ezagutzen dut Arizkurenen edo Lakaben urte mordo bat egin duen jendea, eta hor jarraitzeko asmoz dagoena. Hortaz… Zu ez zara hirira itzuli, eta Luzaiden bizi zara orain. Halako komunitateetan egon garenok, eta horiek utzi arren mendian jarraitu nahi genuenok, %90ak talde txikiagotara jo dugu. Nik aspalditik neukan argi ez nuela talde handietan bizi nahi. Bizi izan naiz beste lau lagunekin, beste bi lagunekin, eta orain dela bost urtetik kidea eta biok gaude Luzaiden. Zer aldatu da lehen urte haietatik hona? Bertako jendearekiko harremana. Atzera begira, esango nuke nabarmen aldatu dela hori, guk garai hartan ez geneukan inongo harremanik landan bizi zen gainerako jendearekin, guztiz at bizi ginen, eta harremanik izatekotan liskarra izaten zen gehienetan. Egia da errazagoa dela harremana egitea bi pertsona izanda (eta gainera, senar-emaztetzat hartzen bazaituzte), 20 lagun izanda baino, auzoek ez baitakite nor bizi den han eta nor ez, ez eta bizibiderik ote duzuen. Baina, nire kasuan behintzat, eta uste dut hala zela guztion kasuan, garai hartan ez geneukan interesik han inguruko jendearen historian. Orain, ordea, bestela da. Apurka-apurka lanagatik ere kontaktuan jarri nintzen ghettotik kanpoko nekazari-antolakunde eta abarrekin, eta hasi nintzen gehiago irakurtzen nekazalgoaren historiaz, aztertzen zer gertatu den bizi garen nekazal-mundu horretan eta, ondorioz, zer pentsatzen duen gure modukoa ez den jendeak. Argazkia: Dani Blanco. Hain justu ere, nekazal-mundu zaharraren desagerpenaz hitz egiten duzu oraintxe berrargitaratu den liburuan: Vidas a la intemperie, nostalgias y prejuicios sobre el mundo campesino . Mendira joan garenoi askotan egozten digute nostalgiko hutsak izatea, historiaren estoldatik bota duten mundu bat berreskuratu nahi omen dugulako, baina, egia esan, gehienok ez dugu mundu hori ezagutzen, nahiz eta gehienok nekazarien ondorengo izan, bigarren edo hirugarren belaunaldian. Nekazal-mundu zaharreko jendeak ez zuen inoiz idatzi bere historia, bestek baizik, gizonek batez ere. Nekazal-munduaz idatzi diren topikoak berrikusi eta desmuntatu nahi nituen. Nola joan da mundu hori historiaren estoldatik behera? Faktore askoren ondorio da, eta lurralde bakoitzak baditu bere ezaugarriak. Baina apur bat atzera joz gero, lur komunalen itxiera berebiziko porrota izan zen, XVIII. eta XIX. mendeetan, eta horrekin batera estatu modernoa sortu zen, dena zentralizatu, nekazal ekonomia monetarizatu zuen estatuak… Lurraldearen kudeaketaren kontua errotik aldatu zen, eta sekulako kolpea hartu zuen jende xeheak; gainera, orduantxe, eta ez kasualitatez, industrializazioa abiatu zen, eta proletarioak sortu. Bestalde, ezin ahaztu Europaren kolonizazio proiektua. Huraxe izan zen, batetik, kapitalaren jatorrizko pilaketaren gune nagusietako bat, ondoren Industria Iraultza egiteko balio izango zuena, baina, horretaz gainera, Karibeko plantazioetan saiatu zen lehen aldiz, modernitatean, eskala handiko monokultibo bat, langile esklaboek jorratua. Azukrea, batez ere. Ekoizpen logika berri bat saiatu zen. Gero, lurjabe europar handiak –Katalunian, esate baterako, Codorniu eta Freixenet–, kolonietan irabazitako diruari esker eta Ilustrazioaren abaroan, hasi ziren agronomia eskolak sortzen eta beren lurretan teknika berriak sartzen. Nekazaritzari buruzko ikuspegi berri bat eratu zen, elikadura-industria abiatu zen… Eta Espainiako Estatuan? Espainiako Estatuan, XX. mendean, frankismo izeneko gauza bat gertatu zen, eta 40 urte horietan izugarrikeria handiak egin ziren, baina, besteak beste, landa-eremua hustu zen, nekazal-ekoizpena suntsitu, eta lehen sektoreko erakunde eta sindikatuen indar kolektiboa guztiz desartikulatu. Ezin izan dut ehuneko ehunean egiaztatu, baina esango nuke herri abandonatuen fenomenoa guztiz espainiarra dela, eta espainiarra diot frankismoaren ondorio delako: Pirinioetan 400dik gora herri daude hutsik. Herriak, bai, eliza, hamabost etxe eta 70 borda handi dauzkatenak. Estatuan, 1.500 inguru dira herri hutsak, kontuan hartu gabe baserriak, masiak eta kortijoak. Harira itzulita, frankismoaren ondoren trantsizioa etorri zen, ordurako lehen sektore profesionala zanpatuta zegoen, bai antolamendu aldetik bai animo aldetik, eta 1986an, Espainiak Europan sartu nahi izan zuenean, orduan etorri zen azken ezpata-kolpea: Herbehereek, Alemaniak eta Frantziak onartu zioten sartzea, betiere zenbait nekazal sektore saltzen bazituen, batez ere esne-ganadua, erlaitz kantauriarrari eragin ziona. Aldea nabarmena da, beraz, Euskal Herriko hegoalde edo iparralde… Bai, Luzaiden argi ikusten da. Gipuzkoako eta Bizkaiko kasua berezia da, industrializazioa dela medio, baina Nafarroa Garaiari adibidez asko eragin zion orain frankismoaz kontatu dizudan guztiak, eta kontrastea egiten du Beherearekin edo Zuberoarekin. Iparraldean jende gazte asko ikusten da artaldearekin, elikadura-artisautzaren legeari esker halako inbertsio handirik egin gabe sal ditzakete gaztak, azoka itzelak daude, eta batez ere, Iparraldeko erakunde kolektiboek eta, oro har, Frantziako nekazari-sindikatuek sekulako indarra daukate. Edonola ere, joera bat dago, eta Iparraldean ere esplotazio txikiek itxi egin beharko dute 20-30 urtean. Zer joera da hori? Gaur egun ez dauka zentzurik Europan janaria egiteak, Errusiatik edo Brasiletik edo dena delakotik baitator. Inperatibo ekonomikoak agindutako inperatibo teknikoak dio eskala handiko ekonomiak baino ez direla errentagarri, eta oraingoz posible denez gauzak urruti eramatea petrolioari esker, bada, familia mailako ekoizpen txikiak ez du etorkizunik. Gogoan izan behar dugu, hala ere, oraindik badagoela gure inguruan nekazaritzatik bizi denik, baina datuak ezin dira ukatu. Gipuzkoan, eta aspaldiko datua da, biztanleria aktiboaren %0,8 baino ez zen nekazaritzan ari. Hain justu ere, herrialdeen garapen maila eta modernizazioa halaxe neurtzen dira: zenbat eta nekazaritza gutxiago, orduan eta modernoago eta garatuago herrialdea. Faktore asko daude, baina, esan bezala, erregai fosilei esker jaten dugu gaur egun jaten dugun moduan, eta badakigu horiek agortu egingo direla berandu baino lehen… Beraz, akaso guk ez dugu ikusiko, baina joera derrigor aldatuko da.
news
argia-0ad391307115
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/gerra-medikuntza-berria-xxi-mende-gatazkatsurako.html
Gerra medikuntza berria XXI. mende gatazkatsurako
Andr� Vltchek
2017-11-26 00:00:00
Gerra medikuntza berria XXI. mende gatazkatsurako André Vltchek (1962) kazetari eta dokumentalgilea mundua korritua da gatazka armatuen berri emanez. Leningradon sortua (San Petersburgo, Errusia), iparramerikarra nazionalitatez, ezaguna da hedabide handi bezala txikietan argitaratu kronikengatik, halaber liburuengatik, azken biak Inperioaren gezurrak erakutsiz eta Aurora, fikziozkoa. Euskal Herrian Txalapartak argitaratu zion Noam Chomskyrekin egindako Mendebaldeko terrorismoa. Dokumental saila ere egina du, Ruanda eta Kongoko gerraz eta beste hainbatez. Une honetan, Borneon Indonesiak gobernua burutzen duen hondamendi ekologiko eta humanoaz ari da filmatzen dokumental  bat. Lana independentzia osoz burutzearen maitale, jarraitzaileen artean diru bilketan ari da: Internetez Saving Borneo/Kalimantan Island!!! bilatuz aurki daiteke proiektua diruz sustatzeko modua. Ghassan Abu Sittah doktorea, Kuwaiten jaiotako palestinarra, Britainia Handian ikasi eta berezitu ostean Beiruteko Unibertsitate Amerikarrean kirurgia plastiko sailaren arduraduna da. 2015ean mediku eta soziologo batzuekin batera plazaratu zuen "Conflict Medicine: A Manifesto" agiria Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen babesean. Aldarrikatzen dutenez, "manifestuarekin nabarmendu nahi dugu hobeto ezagutu beharrean gaudela zaurien eta ber-zauritzeen dinamikak, aldatzen ari den gerraren ekologiaren baitan. (...) Gerrak aldatzen du biosfera, alegia, azpiegitura fisikoak eta jendea bizi den ingurumen biologiko eta soziala. Gerrak dakartzan suntsiketa eta aldaketak sarritan konponezinak dira eta epe luzerako ondorioak dauzkate pertsonengan eta gizartean". Vltcheken elkarrizketa hau estreinakoz Counterpounch gune aurrerazalean plazaratu zuen Middle Eastern Surgeon Speaks About "Ecology of War" tituluarekin 2017ko apirilean. André Vltchekek (bere wbgunea hemen, Twitter kontua hemen) eskuzabaltasunez eman dio ARGIAri baimena euskaraturik ia osorik zabaltzeko. Ghassan 'Gus' Abu-Sittah doktorea Kirurgia Plastiko sailaren zuzendaria da AUBMC Amerikar Unibertsitateko ospitalean, Beiruten (Libano). Bere espezialitatea: kirurgia berreraikitzailea. Munduaren parte honetan zera esan nahi duena: gerra eremuetatik jendea ekartzen dizutela zatikatua, aurpegirik gabe, ez ezagutzeko adina erreta, eta zuk berriro biziarazi behar dituzula. Abu-Sittah doktorea pentsalaria ere bada. Kuwaiten sortutako palestinarra, Britainia Handian ikasi eta bizi izana da, Ekialde Hurbileko zenbait gudu lekutan egin du lan, Asian ere bai, onartu zuen arte gaur Beiruteko AUBMCn daukan enplegua. Modu bitxian egin genuen topo. Duela hilabete batzuk oina erre nuen Hego-Ekialdeko Asian hondar gorituan jarrita. Poliki ari zen sendatzen baina Afganistanera joan nintzenean, Herateko checkpoint batean nengoela oin hutsik jarrarazi ninduten eta berriro zornetu zen zauria. Londrestik pasatzean, Abu-Sittahren irakasle ohi batek artatu ninduen, eta esan nionean Libanon ere egiten dudala lan, gomendatu zidan bisitatzea "gure ikasle onenetako bat gaur Beiruten ari dena". Hala egin nuen. Al-Mayadeen telebista pan-arabiarra elkarrizketa bat grabatzen ari zitzaidan nire azken nobela politiko-iraultzailea den "Aurora", munduaren Hegoaldearen egoera, Mendebaldearen inperialismoaren berrindartzea eta abarrez. Nire harridurarako, Abu-Sittah eta bere kolega medikuek jarraitzen zituzten nire lan eta ideia politikoak. Ondo zaildutako medikuontzako harramazkada ahul bat baino ez zen nire oinaren "arazoa". Benetan interesatzen zitzaidana zen AEBen erasoa Siria eta Palestinaren kontra, eta Ipar Korearen kontrako probokazioak. Zauria ondo sendatu zitzaidan eta Abu-Sittah eta biok lagun egin ginen. Zoritxarrez  Beirutetik alde egin beharra daukat Asia Hego-Ekialderantz, eta ez dut harrapatuko gerrako ekologiari buruzko biltzarra handia, zeina bultzatzen baitute Abu-Sitta doktoreak eta bere kolegek maiatzaren 15ean. Gaia benetan da kitzikagarria eta funtsezkoa gure gizadiarentzako, baita bere biziraupenerako ere. Uztartzen ditu filosofia, medikuntza eta zientzia. Zer gertatzen zaio jendeari gerra eremuetan? Zer da benetan gerra eremu bat? Biok antzeko ondorioetara iritsi ginen, biok ideia berarekin ari garelako lanean baina bi angelu ezberdinetatik begiratuta: "Miseria gerra da. Estatu indartsuak desegiteak gatazka dakar. Planetako jende pila bat bizi da gaur egun gatazka edo gerran, sarritan ohartu ere egin gabe: txabolategietan, errefuxiatu kanpalekuetan, edo arras hondoa jokako estatuetan". Elkarrekin asko mintzatu gara: beldurraz, zeina ari baita irensten Britainia Handia bezalako herrialdeak, indibidualismo eta berekoikeri uhin berriaz eta honen sustraietan dagoen frustrazioaz. Une batean esan du doktoreak: "Munduko leku gehienetan 'askatasuna' hitzak esan nahi du gure herrialdeen independentziaren aldeko borroka. Aldiz, Erresuma Batua bezalako lekuetan, haren sinonimoak gehiago dira indibidualismoa, berekoikeria eta norberaren eskubideak". Mintzatu gara inperialismoaz, medikuntzaz eta Ekialde Hurbilaren sufrikarioaz. Eta azkenean erabaki dugu elkarrizketa hau publikatzea, argi pitti bat egiteko "Gerrako Ekologia"z, filosofiarako bezala medikuntzarako funtsezkoa den disciplina berri honetaz. Elkarizketa 2017ko apirilaren 25ean eduki genuen, Beiruteko Younes kafean. "Miseria gerra da. Munduan jende pila bat bizi da gaur gatazka edo gerran, sarritan ohartu ere egin gabe: txabolategietan, hondoa jotako herrialdeetan, errefuxiatu kanpalekuetan..." Kontratu Sozialaren urradura aipatzen duzu  mundu arabiarrean eta Europan Munduaren Hegoaldean medikuntza eta osasun zerbitzuak estatu post-kolonialaren osagai funtsezkoak ziren. Estatu postkolonialak kontratu sozialaren osagaitzat antolatu zituen Irak, Egipto eta Sirian geneuzkanak bezalako osasun sistemak, beren sorrerako muinean zeuden. Estatuak horrela erakusten zuen boterea bi eratan zerabilela, era hertsatzailean (estatuak sartu zaitzake presondegian, edo baita bortizkeria erabili ere zure kontra) baina batik bat modu ez-hertsatzailean, bortxarik gabe: eman behar dizu etxea, hezkuntza, osasun zerbitzuak, eta abar. Estatuari botere ez-hertsatzaile hori  funtsezkoa zaio bere legitimatze prozesuan. Digresio bat baimentzen bazait, begiratu nola eraitsi zuten estatua. Iraken kontrako zigorrren helburua ez zen Makhabarat [zerbitzu sekretuak] edo armada ahultzea, baizik eta Irakeko estatuari kentzea bere indar ez-hertsatzailea, bere ahalmena jendeari emateko bizimodua, hezkuntza. Eta 12 urte ondoren estatua erabat hondoratu zen barnetik, ez bere indar hertsatzaileak ahulduak zirelako, baizik eta bestelako botere hori ostu ziotelako, jendeei bizimodua segurtatzeko ahalmena. Beraz, nolabait estatuaren eta herritarren arteko kontratua hautsi zutela. Dudarik gabe! Eta zuk kontratu hori bera zeneukan herrialde post-kolonial gehienetan. Gero sartu zituzten Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak sustatutako politikak, zeinen arabera osasun zerbitzuek negozio aukerak ematen baitzizkieten agintean zeuden eliteei eta korporazioei eta, aldiz, doako osasun zerbitzuak estatuentzako zama ziren. Orduan hasi zen estatuaren aginte ez-hertsatzaileen ahultzea Egipto eta Jordania bezalako herrialdeetan, honek ekarri zuelarik beren legitimotasunaren ahultzea. NDF eta MBaren helburua zen osasuna produktu salgarri [ commodity ] bihurtzea, hura jendeari saltzeko zerbitzua bailitzan… pagatzeko moduan daudenei saltzeko. Beraz, AEBetako eredua, baina askoz modu basatiagoan, soldatak herrialde horietako gehienetan askoz ere apalagoak direlako. Hori da. Eta honela mamitzen duzu operazioa: bi mailako sistema sortzen duzu eta publikoa den mailari dirua kendu, jendeak jo dezan sektore pribatura. Orduan, sektore pribatuan aurkitzen dituzu osasungitza pribatuaren osagai arrakastatsu guztiak, osasun asegurutik hasita arreta zerbitzu eta botiketaraino. Paradoxikoki, horixe bera ari da gertatzen oraintxe bertan Britainia Handian. Britainia Handian eta Europako beste herrialde askotan. Baina aurretik gure eskualdean gertatu zen, mundu arabiarrean. Hemen osasun zerbitzuak funtsezkoak ziren estatuen sorrerarako, eta funtsezkoak beren legitimotasunarentzako. Oso agertoki zinikoa izan da: Mendebaldeak osasun sistema pribatua inposatzen zien herrialde arabiarrei eta munduko beste askori eta bitartean Mendebaldean bertan, salbu eta AEBetan, zerbitzu medikuek jarraitzen zuten publiko eta ia doakoak izaten. Esan nahi dut Europan, Kanadan, Australian eta Zelanda Berrian. Bai. Europan ongizate estatua II. Mundu Gerratik sortu zen, kontratu sozialaren atala zen osasuna segurtatzea. Thatcherismoaren eta Reaganismoaren etorrerarekin ongizate estatua eraitsiz joan ziren, baina Britainia Handian, eta berdin Alemania bezalako herrialdeetan, beste lekuetan iritsitako neurrietaraino iristea politikoki arriskutsua zen, hauteskundeetan galtzea ekarriko zuelako. Beraz, bigarren plana izan zen osasun sistema hondatzea, milaka putzadaz pixkanaka hura hiltzeko. Horrek eramaten zaitu Britainia Handian bezala osasun saila zatika-zatika pribatizatzera. Eta jendeak ez daki, ez da ohartzen sistema pribatizatzen ari direla. Edo Alemanian bezala, gobernuak ez pagatzera osasun zerbitzuagatik: gobernuak diruz laguntzen ditu aseguru etxeak eta hauek ateratzen diote etekina osasungintza pribatuari. Bada dilema filosofiko bat gaur medikuntzako profesionalen artean eztabaidatu behar litzatekeena. Europako aseguru soziala bera ere ez al da neurri batean konponketa ziniko bat? Europako herrialdeak bloke inperialistaren zati dira gaur egun AEBekin batera eta horiek ari dira arpilatzen gainerako mundu guztia, Ekialde Hurbila, Afrika eta Asiako zati osoak, eta beren sistema soziala ari dira diruz laguntzen lapurreta horretatik. Hau batetik. Baina, gainera, gertatzen da Britainia Handian edo Alemanian ari diren mediku eta erizain asko askoz herrialde pobreagoetatik 'inportatu' dituztela, hauetan hezi ondoren doan. Beren beharrean diren herrikideei laguntzeko ordez, orain ari dira lanean Europako jende zahartu, mimatu eta esijenteenei, sarritan mediku instalazioak 'klub sozialak' bailira erabiltzen dituzten jendeei. Nire ustez gertatu dena da Europan ongizate estatuaren hondatze bat atal guztietan. Politikoki ez zen posible gainetik kentzea doako osasungintza. Britainia Handian ikus dezakezunez, arazoa da osasunean agertzen direla jendeak bizi dituen faktore sozial eta ekonomikoen ondorioak. Zuk langabezia kronikoa baldin badaukazu, bigarren eta hirugarren belaunaldiko langabetuen arazoa, horrek ondorioak dakartza osasunean. Suntsitzen baldin badituzu erretiroak eta aldi berean langabetuentzako babeserako laguntzak, horrek ondorioak dakartza. Etxebizitzen egoera txarrak osasun ondorioak dakartza. Langabezia masiboak osasun arazoak dakartza. Mendebaldeko osasun sistemak gaur galtzen ari diren bataila zera da: pentsatu dute haiengan uztea sistema kapitalista brutalaren ondorioak, osasun sistemak tratatuz Gobernuz Kanpoko Erakundeak balira bezala Politikoki erraz lortu zuten ongizate estatuaren beste osagaiak gainetik kentzea, baina orduan topo egin dute osasun arazoarekin. Horregatik, Mendebaldeko osasun sistemak jokatzen eta galtzen ari diren bataila zera da: pentsatu dutela haiengan uztea sistema kapitalista brutalaren ondorioak, osasun sistemak Gobernuz Kanpoko Erakundeak balira bezala. Baina badakigu bizimoduen aldaketek jendearen osasunean kalteak eragindakoan, beranduegi dela sendatu edo prebenitzeko. Eta horixe da Europako osasun sistemek egiten dutena, ahalegintzen dira jendeari adabakiak jarrita berriz kalera bidaltzen. Horrela, umeak baldin badauzkazu asma kronikoarekin, asmak tratatzen dituzu baina ez haurrak bizi diren zabor-etxeak. Eraso bortitzak baldin badauzkazu eta bortxagatiko traumak, traumak tratatzen dituzu, agerpen fisikoak, ez gazteen langabezia den desastrea, edo honek sorrarazten duen arrazismoa. Beraz, zuk [sistemak] "anomalia" deitzen duten hau sostengatzeko, behar duzu osasun zerbitzu puztu bat, zeren eta jendea gaixoarazten duzu eta orduan hura konpontzen ahalegintzen zara, hura berriro ez gaixotzeko modua egiten baino. Horregatik sortu dira mediku-burmuin ihesak, eta horra nola ghanatar doktore gehiago dagoen New Yorken Ghanan bertan baino. Eta erizain filipinar armada oso bat daukazu Britainia Handian, Manilan erizain kualifikatuen eskasia dagoen bitartean. Dudarik gabe. Hori gertatzen da gaur egun jendearen osasuna 'gertatzen' delako osasun sistemaz kanpo. Osasun sistema suntsitu ezin duzunez, bukatzen duzu osasun sistema puztu bat edukitzen ataritik iristen zaizkizun gaixotasunak konpontzen saiatzeko. Zuk eskualde guztian egin duzu lan, Iraken bezala Gazan. Biok egin dugu lan Gazako Shifa ospitalean. Gerra garaian Libanoko hegoaldean aritu zinen lanean. Zenbateraino dago gaizki osasungintza Ekialde Hurbilean? Zein neurritan izan da txarra Iraken gaixotutako jendeentzat, alderatzen baldin baditugu Mendebaldeko gaixoekin? Zein neurritan da krudela Gazako egoera? Neskatxa errefuxiatu gerran zauritua bere senideekin Handicap International GKEren laguntza jasotzen.  (Argazkia: Elias Saade) Begiratzen jarrita Irak bezalako lekuetara, Irakek 1980ko hamarkadan ziurrenik eskualdeko osasun sistemarik aurreratuena zeukan. Gero gertatu zen Iraken kontrako lehenbiziko gerra [Kuwaiten inbasioa] eta jarraian 12 urteko zigorrek  erabat eraitsi zuten osasun sistema. Ez gara ari soilik ospitale eta botikez eta medikuen eta osasun profesionalen atzerriratze bortxatuaz, baizik eta baita ere ur eta estolderia eta argindar planten suntsiketaz, jendearen bizimoduetan eragin zuzena daukaten atal horiena. Eta gero etorri zen uranio pobretua… Eta mix horri gehitu iezaiozu 2003ko gerra eta ondoren estatuaren suntsiketa eta eraiste erabatekoa, eta Irakeko doktoreen erdiaren emigrazioa… Nora alde egin zuten? Mundu osora, Golko arabiarrera bezala Mendebaldera, Ipar Amerikara, Europara… Beraz, Iraken daukazu sistema bat ez bakarrik hautsia baizik eta galdu dituenak berreraikitzeko beharrezkoak diren osagaiak oro. Iraken ezinezkoa zaizu mediku belaunaldi berri bat entrenatzea, zeren eta irakasteko gai diren guztiek alde egin baitute atzerrietara. Ezin duzu osasun sistema bat sortu Iraken, zeren eta sortu duzun gobernu azpiegitura berez baita ezegonkorra eta oinarritua aginte guneen multi-polaritatean, gune bakoitza beste guztiekin borrokan estatuaren opila kontrolatu nahian… Horregatik irakiarrek osasuna azpikontratatzen diete ospitale mailan Indiari, Turkiari, Libanori edo Jordaniari, gurpil zoro batean sartuta daudelako. Baina hori ez da izango pagatzeko gai direnentzako besterik. Bai, pagatu dezaketenentzako, baina berdintsu gertatu da gobernuak dirua eduki duen boladetan ere, ezin izan du sistema berreraiki inolaz ere. Horregatik azpikontratatzen ditu osasun zerbitzuak atzerrian, sistema hain hautsia dagoenez diruak berak ere konpondu ezin duelako. Berdin gertatzen al da inguruko beste herrialdeetan? Berdina ari da gertatzen Libian, eta berdina Sirian, medikuen ihesari dagokionez. Siriak nozituko du Iraki gertatu zaionaren oso antzeko zerbait gerra bukatzen denean, baldin eta Siriako estatua suntsitzen badute. Baina oraindik zutik atxikitzen du. Bai, eta Sirian oraindik osasun zerbitzua eskaintzen dio populazioaren gehiengo oso handiari, baita matxinoen kontrolpeko eskualdeetan bizi direnei ere. Jarraitzen dute Damaskora eta beste hirietara bidaiatzen kardiologia edo onkologiako artatzeak jasotzera. Galderarik gabe, "gaixo baldin bazaude tratatuko zaitugu" eta puntu? Baita ISISek kontrolatutako eskualdeetatik datozenei ere, jendea joan daiteke eta tratamendua jaso, estatuaren lanetako bat horixe delako. Hezkuntzarekin berdin gertatzen da. Siriak oinarrizko zerbitzu guztiak eskaintzen ditu oraindik. Dudarik gabe. Baina Libian, estatua erabat desagertu edo suntsitu delako, hori guztia bukatu da. Honez gero Libia ez da herrialde ere… Libian ez dago herrialde bateraturik eta hor bai ez dagoela inolako osasun sistemarik. Gazan eta Palestinan, okupazioarekin eta setioarekin segurtatzen dute osasun sistemaren garapen normalizatu bat ez egotea. Gazaren kasuan israeldarrek diote "hainbeste urtean behin joan eta segaz belarra moztu behar diezu". Ahalik eta jende gehiena hiltzen duzu gerra basati eta intentso horietan, segurtatzeko ondoren beste urte batzuetan jendeak nahiko lan izango duela zuk eragin diozun hondamendiaren erdian bizirauten. Israelgo medikuen laguntzaren bat ba al da? Bai, noski. Oso mediku bakanak, baina badira… Baina gaur egun Israelgo establishment medikua Israelgo establishmentaren osagai intrintsekoa da, Israelgo medikuntzako ikasketa sistema den bezala. Israelgo Medikuen Elkargoak ez du kondenatu nahi doktore israeldarrek aztertzea preso politiko palestinarrak haiek "galdeketarako gai izateaz". Eta hau funtsean da… zu ikustera etorriko zaizula doktore bat erabakitzen duena zenbat tortura jasateko gai zaren hiltzeko puntura iritsi aurretik. Honek gogorarazten dit 2015ean esan zidatena Pretorian, Hego Afrikan, Bakearen aldeko Psikologoen Nazioarteko Batzarrera konbidatu nindutenean. AEBetako zenbait psikologok kontatu zidaten ustezko terroristen galdekatze eta torturetan psikologo profesionalak eta baita psikiatra klinikoak ere egoten zirela aurrean, askotan galdetzaileei laguntzen. Bai, gaur ezagunak diren bi-hiru psikologo amerikarrek diseinatu zituzten CIAren galdeketa sistemak, haien prozedurak. Zuk Palestinan gertatzen dela azaltzen duzun hau, antza, oso hedatutako sistema da. Indiak kontrolatutako Kaxmirren kontatu didate inteligentziako ofizial israeldarrek irakasten dizkietela beren galdekatze eta tortura metodoak Indiakoei. Prefosta, AEB honetan ere sartuta daude . Irakasleak zaintzen ditu lotan dauden haurrak Gazako babesleku batean, 2014ko bonbaketa batean. "Gazaren kasuan israeldarrek diote: 'hainbeste urtean behin joan eta segaz belarra moztu behar diezu'". (Argazkia: Ghassan Abu-Sittah) Gerrako medikuntza Napoleonen gerren garaian sortu zen. Gerra haietan bi armadak egiten zuten talka, gehienik fronte-lerroetan. Batak besteari egiten zioten eraso, batak besteari tiro edo egurra eman. Zauritu gehienak gudariak ziren, gero ospitale militarretan artatzen zituztenak. Baina gerrako medikuntzan bilakaera gertatu da. Ekialde Hurbilean zera gertatzen da gure ustean: gerra edo gatazkak ez direla, ez intentsitatez eta ez iraupen luzerari dagokionez, denbora jakineko guduak, ez dira hasi eta bukatzen. Beren iraupen luzeagatik ekologia aldatzen dute, jendea bizi den ekologia. Gerrako ekologia sortzen dute. Ekologia honek bizirauten du tiroketak bukatu eta askoz beranduago ere, zeren eta jendea bizi den ingurumen osoa eraldatu baita. Zuriak dira fisikoak, psikologikoak eta sozialak; ingurumena eraldatu da arriskutsu izateraino, bai osasun onean direnentzako baina batez ere zaurituentzako. Horrela gertatzen da botika ugarirekiko erresistenteak diren mikrobioekin; mundu osoan gaur arazo handia diren bakterio botikekiko erresistente hauetakoak dauzkaten Irakeko gerran zaurituen %85ek, Siriako gerran zaurituen %70ek… horregatik diogu: ekologia honek, gatazkek sortzen duten biosfera honek, bakterioen ADN oinarrizkoa bera ere eraldatzen dute. Badugu zenbait teoria horretaz; neurri batean, botika modernoek daramatzaten metal astunen kontua da, horiek piztu baitezakete bakterioen mutazioa antibiotikoekiko erresistente bilakatzeraino. Beraz, zure biosferak, zu bizi zaren burbuila ekologiko horrek, etengabe aldatzen dirau. Eta ez da desagertuko bonbak desagertutakoan ere. Eraitsi beharra dago, eta horretarako ulertu egin behar dituzu gerrako ekologiaren dinamikak. Horrexegatik abiatu zen gure programa unibertsitatean, Libanoko gerra zibilean eta israeldarren 1982ko inbasioan irakaskuntza zentro nagusi izan den horretan. Geroago hasi zen gerra Iraken, eta beranduago Sirian, eta hasi ginen gaixoak herrialde haietatik jaso eta hemen tratatzen. Ohartu ginen gatazketako medikuntzaren dinamikak eta gerrako ekologia ulertu beharra geneukala nola gertatzen diren gerraren ondorio fisiko, biologiko, psikologiko eta sozialak; dena aldatzen baita, bakterioetatik uraren zikloak, gerraren arrasto toxikoak, jendearen gorputzen erreakzioak… Nik artatu ditudan gaixo irakiarretako askok familiako kide asko dauzkate zaurituta. AUBMC ospitalea pioneroa da gerrako ekologiaren ikerketan? Bai, Libanoko gerra zibilaren eta Ekialdeko gerra errejionalen ondorioengatik. Ekialde Hurbilean gerrak ez dira hasi eta bukatzen. Beren iraupen luzeagatik ekologia aldatzen dute, gerrako ekologia sortzen dute. Ekologia honek bizirauten du tiroketak bukatu eta askoz beranduago ere Azken finean, eskualde mailako gerra perpetuo batez ari gara. Gatazka perpetuoaz, bai, lehen etxean egosia eta gero eskualde mailan. Irakeko Osasun ministerioarentzako erreferentziazko zentroa gara, Irakeko Barne ministerioarentzako ere bai, eta jokatzen dugu eskualde mailako zentro gisa. Gure programak helburu dauka denbora eta energia gehiago ematea gerrako ekologia honen nondik norakoak ulertzeko. Nire idatzi eta filmetan sarritan nabarmendu dut gerraren eta muturreko txirotasunaren artean dagoen paralelismoa. Munduko txabolategizko auzunerik txarrenetan jardun naiz lanean, Afrikan, Erdiko Amerika eta Kariben, Asia hegoaldean, Filipinetan, denetan. Eta jabetu naiz teorian bakean bizi diren gizarte askotan benetan bizi direla gerra iraunkor edo baita perpetuoetan. Muturreko miseria gerra mota bat da, nahiz eta ez egon "gerra deklaraziorik" inon eta fronteko lerro zehatzik ere ez. Informazioa landu dut ezin konta ahala gerratan eta beste hainbeste muturreko miseriazko guneetan, eta deigarri egiten da bien arteko paralelismoa, batez ere gizakiengan daukaten ondorio fisiko, psikologiko eta sozialei dagokienez. Zure ikerketetan ikasiarekin, berdin pentsatzen duzu? Zalantzarik gabe, bai. Jendearen "deshumanizazioa" dago horren muinean. Muturreko pobrezia bortizkeria mota bat da. Zenbat eta muturragokoa pobrezia, orduan eta hurbilago bortizkeriaren izaera fisikotik. Gerra da jendearen bizimoduaren degradazio oso azkarra muturreko pobreziaraino iristeko. Baina txirotasun horretara iritsi daiteke prozesu gradualago batez ere. Gerrak egiten duen bakarra da prozesua azkartzea. Muturreko txirotasun perpetuoa, hortaz, gerra edo gatazka perpetuo baten antzekoa da? Ezbairik gabe. Da gerra bat egina batez ere baldintza horietan bizitzera bortxatutakoen kontra. Txiroen kontrako eta munduaren Hegoaldearen kontrako gerra. Eta bada txiroen kontrako gerra Mendebaldeko hirien barruan ere. Gerrako ekologiaz ari zaretenean, ikertzen duzue muturreko txirotasunak gizakien gorputzetan eta bizitzetan dauzkaten ondorioetan? Ekialde Hurbilean, muturreko txirotasuna sarri aurkitzen da errefuxiatu kanpaleku erraldoietan, eta munduko beste eskualde askotan hirietako txabolategietan . Aipatzen dugun ekologian sartzen da muturreko txirotasun hau ere.  Ekologiaren ezaugarrietako bat honela gertatzen da: gorputz zauritu bat hartu eta kokatzen duzu ingurumen fisiko arriskutsu batean, orduan ikusten duzu gorputz hau behin eta berriro ber-zauritzen, ingurumen gaiztotu hori gudu zelaiaren jarraipen bihurtua da, horregatik gertatzen da amai ezinezko zauritzea. Ez zaude Siriako fronteren bateko zokoren batean, baina zure haurrak bizi dira kanpin denda batean beste zortzi pertsonarekin nahastuta, eta horregatik daude horiek ere errefuxiatuen kanpalekuetan nozitzen dugun ume erreen epidemiaren biktima, bizileku txiro eta arriskutsuetan egoteagatik. Beste puntu batetik ere aztertu dezakegu: zer da gerrako zauria, gatazka bati dagokiona? Oinarrizkoena litzateke tiro batek eragindakoa edo metrailak eragina. Baina zer gertatzen da gorputz zauritu hori hartu eta denda batean uzten duzunean? Konplikazioak dauzkala ingurumen arriskutsu batean egoteagatik. Gerrako zauriak dira ala ez? Jendea hainbeste pobretzearen ondorioz baldin badauzkazu haurrak etxebizitza arriskutsuek eragindako zauriak dauzkatenak, gerrak zauriez ari gara? Badauzkagu ere haurrak laneko zauriak dauzkatenak, familia osoaren ogia irabaztera lanera irten beharra daukatelako, lan eginez kotxeak konpontzen, zama lanetan edo ahal dutenetan. Kontuan hartu behar dituzu ere gaixotasun batzuk zu zatozen herrialdean tratatzeko modukoak direnak baina osasun sistema suntsitu duten lekuetan ezin direla inola tratatu, ospitalerik ez dagoelako edo medikuek alde egin dutelako… Ez dira gerrako zauriak? Beraz, ekologiari osotasunean begiratu behar diogu: baletatik eta metrailatik harago, nahiz eta hauek bereganatzen dituzten titularrak hedabideen lehen 20 segundoetan. Zuen ikerketak garrantzizkoa dirudi munduko leku gehienetarako. Ziur. Zeren eta badakigu krisi humanitario deitzen dituzten horiek soilik existitzen direla hedabideen eta Nazio Batuetako agentzien irudimenetan. Krisirik ez dago. Berriro egiten dugu topo egoera perpetuo batekin. Hain zuzen ere, perpetuoa da. Ez da gelditzen. Etengabe dago hor. Horregatik ez dugu aipatzen "aldi bateko krisia" bezalakorik, gu ideia horren kontra gaude. Ez da arbitrorik bere txilibituarekin krisien amaierak txistukatzen dituenik. Telebista kamerek alde egiten dutenean, hedabideek eta gero munduak erabakitzen dute krisiak bukatu direla. Baina badakigu, esate baterako, Laoseko jendeak nozitzen dituela gaur egun ere munduko anputazio kopuru handienak. Ondo dakit, bai, gaur oraindik minatuta dauden hango eremuetan lanean ibilia naiz. Edo begira ezazu Vietnamen, dauzkana aurpegia deformatutako umerik gehien mundu osoan Agent Orange [dioxina] pozoiaren ondorioz. Ni ere bizi izana naiz Vietnamen. Eskualde osoak sufritzen ditu oraindik ere "Gerra Sekretua" deitu zutenaren kalteak. Laosen hain da larria txirotasuna, ezen jendeak behartuta daude AEBetako armadaren bonba lehertu gabeak txatarretarako saltzen. Tarteka lehertu egiten dira. Kanbodian badira herriak non jendeak oraindik hiltzen diren edo zangoak galtzen dituzten aspaldiko gerrako bonbengatik. Baina India ere gerra eremua da, Kaxmirretik  hasita Ipar-ekialderaino, Bihar eta Munbaiko txabolategietaraino… Gatazka bat neurtzeko modurik gordinena erabiltzekotan, hau da, armaz hiltzen diren jendeen kopuruak, Guatemala eta El Salvadorren oraintxe bertan jende gehiago erailtzen da gerra garaian baino. Baina bortizkeriaren itxura aldatu denez, gaur egun ez daramalako halako etiketa politiko bat, eztabaidan agertu ere ez da egiten. Baina jendea da jendearen kontra ari dena.   Idatziz eta irudiz azaldu ditut El Salvador, Honduras eta Nikaragua behin baino gehiagotan. Hango muturreko bortizkeria da Mendebaldeak, bereziki AEBek, ezarri zuten gatazkaren ondorio zuzena. Berdin esan daiteke Jamaika, Dominikar Errepublika eta Haitiri dagokionez. Kolapso sozial ia erabatekora eraman dituzte. Bai, Jamaikan CIAk protagonismo handia eduki zuen 1970ko hamarkadan. Munduko paraje horietan ez gara soilik txirotasunaz ari… Ez, ez… AK-47 fusilez ari gara! Hain zuzen ere. Behin filmaketan ari nintzen San Salvadorren, bandek kontrolatutako eremuan… Lagun batek eraman ninduen harantz, askapen teologiako apaiz batek. Bi saio egin genituen. Lehena ondo pasatu zen. Bigarrenean su egin zuten gure Lan Cruiserraren kontra, munizio larriz. Gure autoaren albo bat bala zuloz beteta zegoen, bi gurpil zulatu zizkiguten, llanten gainean alde egin behar izan genuen. Herrietan mara taldeetako jendeak nahi duena egiten du, etorri, ostu eta bortxatu. Gerra da. Gurutze Gorriak gerrako medikuntza sartuta dauka Kolonbia eta Honduraseko medikuntza fakultateetako curriculumetan. Herrialde horiek benetan gerran daudenez, doktoreak horretarako prestatu behar dituzu, jakin dezaten nola jokatu egunero armaz zaurituta iristen zaizkien lau edo bost eriekin. Utz iezadazu kontatzen behin nire begiz Haitin ikusi nuena, esan duzun horren haritik. Duela urte batzuk Cité Soleil auzoan ari nintzen, Port-au-Princen. Esaten dute munduan den auzune edo txabolategi arriskutsuena dela. Han esaten dute: "Sartu, sar zaitezke, baina sekula ez zara bizirik irtengo". Kamioi batean sartu ginen, bi zaindari armatu eta guzti, baina bakar-bakarrik utzi ninduten kale gorrian, nire bi kamera handi eta material guztiarekin. Ez neukan beste aukerarik, lanean jarraitu behar izan nuen. Halako batean eraikin baten ondoko harresiaren aurrean jende ilara luzea ikusi nuen. Hurbildu nintzen. Eta agertoki harrigarri batekin egin nuen topo: jendeak zurezko mahai batzuen gainetan etzanda, odola nonahi, eta AEBetako mediku militarrak kale bazter hartan kirurgia egiten. Bero egiten zuen, dena euli eta hauts… Gizon batek esan zidan bere andreak tumore handi bat zeukala. Aztertu ere egin gabe zer zen, medikuek etzan zuten mahai batean, eman zioten [anestesia] 'lokala' eta hasi zitzaizkion hura kentzen. Operazioa bukatutakoan, senar-emazteak poliki-poliki autobus geltokira hurbildu ziren oinez eta etxerantz. Handik kilometro pare batera aurkitu nuen AEBen zentro mediku ondo ekipatua, baina soilik AEBetako tropa eta ekipoentzako. Medikuei galdetu nien ea benetan zertan ari ziren Haitin eta lasai ederrean argitu zidaten, esanez: "Gerra agertokirako entrenatzen gara hemen. Gerra baten hurbilagokorik ezin dugu aurkitu hau baino". Gizakiekin ari ziren esperimentatzen, noski, ikasten nola operatu gudu guneetan… Izenetan dago diferentzia bakarra. AEBetako militarrak Haitiko karrika batean, lurrikarak zauritutako herritar bat operatzen gerrako baldintzetan. Militarrek hondamendiok erabiltzen dituzte gerrarako prestatzeko. (Argazkia: André Vltchek) Zu zarenez kirurgialari bat lan egin duzuna Ekialde Hurbilaz gain munduko beste leku askotan, nola alderatuko zenituzke Asian, Afrikako Aintzira Handietan edo bestetan dauden gatazkak? Ekialde Hurbilean oraindik bada jendea gogoan duena ospitaleak eduki zituztela.  Gure ospitalera datozen irakiarrak oroitzen dira 1980ko garaiez. Bizimodua ezberdina zen orduan eta ezberdin izan zitekeen. Osasunaz alfabetatuta daude. Beste alderdia da soilik 2014an 30.000 irakiar zauritu zituztela. Zenbakiak beldurgarriak dira. Libiako kopuruez ez daukagu arrastorik, Libian gertatzen ari diren garbiketa etnikoaren eta  hilketen kopururik. Zenbakiak berak larriak dira, baina eraginei dagokienez oraindik des-medikalizazio fasearen hasieran gaude. Ez da sistema horiek ez dutela eboluzionatu: desegin egin dituzte. Atzeraka doaz. Mendebaldearen inperialismoari egozten diozu errua? Erreparatzen baldin badiezu zigor ekonomikoei eta horiek osasun sistemari egindako kalteari, jakina baietz! Begiratzen badiozu Libiari, jakina baietz! Esaten denean estatu horiek desegin egin direla, hori gezurra da. Ondo ezagutzen ditugu zigor ekonomikoen dinamikak Iraki eragindako kalteak, edo zer gertatu zen Iraken 2000az geroztik. Ondo ezagutzen dugu zer gertatu den Libian. Edo Afganistanen… Mujahidinek Afganistan edo Contrak Nikaraguan egin zuten lehenbiziko gauza izan zen klinikak atakatzea. Iparramerikarrek beti jakin dute estatua suntsitu dezakezula lehen aipatu ditugun ahalmen ez-koertziozko horiek herritarrei ematea eragotziz. Iruditzen zaizu munduaren alderdi hau dela gehien kaltetuena? Gaur egun bai, dudarik gabe. Estatistikek erakusten dute. Uste dut gerretan hiltzen diren guztien %60 inguru eskualde honetan hiltzen direla… "Eskualde hau" diozunean, geografian nola zehazten duzu? Afganistandik Mauritaniaraino. Barnean harturik Aljeria eta Mali arteko muga. Libiako muga… Sudanen zatiketa izan den katastrofea, Hego Sudanen gertaten dena, Somalian gertatzen dena, Libian, Egipton, Sinai desertuan, Sirian, Yemenen, Afganistan, baita Pakistanen ere droneekin han hiltzen dituzten jendeekin… Baina badauzkagu Kongoko Errepublika Demokratikoan hil diren 10 milioi jendeak ere, ruandarren 1995ko inbasioaz geroztik… Hori ezberdin samarra da. Hori beste 'fase aurreratuago' bati dagokio: estatua erabat desagerrarazi duzunekoari… Mundu arabiarrean Libia dago agertoki horretatik hurbilen. Petrolio konpainiek hartu dute menpean herrialdea. Meatze konpainiek okupatu dute Kongoko Errepublika Demokratikoa eta gerrak beren eskutik zuzenean kudeatzen dituzte, Mendebaldeko armadek baino gehiago. Higatzen duzu estatua, erabat, azkenean estatua desagertzeraino eta orduan korporazioek agintzen dute zuzenean, kolonialismoaren aroan egin zuten moduan, East Indian Companyren eta Holandako inperioko konpainien garaian bezala, haiek dira jokalari nagusiak berriro. Zein da zuen ikerketaren helburua, 'Ecology of War ' deitu proiektu erraldoiarena? Azpimarratzen dugun ezaugarrietako bat da hurbilketa holistikoa. Konpartimentazioa zentsuratze prozesuaren parte da. "Zu mikrobiologoa zarenez, soilik erreparatu behar diozu halako bakteriori zer gertatzen zaion… Zu kirurgialari ortopedikoa zarenez, zuk aztertu leherketen zauriak, bonbenak, lurreko minenak…". Konpartimentatze  honek eragozten du elkartzea argazkia bere osotasunean ikusteko gai litzatekeen jendea. Horregatik azpimarratzen dugu programa honek badauzkala soziologoak, politologoak, antropologoak, mikrobiologoak, kirurgialariak… Bestela ez dugu ikusiko zientzia tipia baizik. Saiatzen gara zientziak elkarlanean jartzen argazki handia ikusteko, puzzlearen atalak elkartuz.
news
argia-ec5cb67ed55e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/lemkoak.html
Europa Erdialdeko kurduak
Jonmikel Intsausti
2017-11-26 00:00:00
Europa Erdialdeko kurduak Gaur egun, gehienetan Polonia herri etnikoki homogeneo gisa ikusten da. Egia da, hein handi batean. Halere, badira oraindik bere mugen barnean hainbat gutxiengo garrantzitsu: Lemko komunitatea da horietako bat. 1989an komunismoaren amaierak gutxiengo askoren harrotasun etnikoaren susperraldia ekarri zuen, baita irekitze giro berrian euren kultura berpizteko abagunea ere. Lemkoen aberri historikoa, Lemkovyna, Karpatoetan egungo muga poloniar-eslovakiarreko bi aldeetan dago, zati bat ere Ukrainan delarik. Lurraldeak historia gatazkatsua izan du, XVIII. mendeaz geroztik, Polonia, Austria-Hungaria, Ukraina, II. Mundu Gerran Alemania eta Errusiako Inperioaren pean izan baita. Lemkoak kultura, hizkuntza eta erlijioaren arabera, ekialdeko eslaviarra den talde rusiniar (ruteniar) korapilatsu baten parte dira. Polonian direnek lemko izena hartzen dute, Eslovakiakoek rusnak (rusiniar) ordea. Lemkoen kulturak ere antza du alboko Ukrainan rusiniar diren Boyko eta Hutsulen kulturekin. Denek antzekotasunak dituzte beste herri menditar eslaviarrekin, Polonia eta Eslovakiako Goralekin, adibidez. Erlijioari dagokionez, lemko gehienak ez dira Erromatar Eliza Katolikokoak, Ekialdeko Eliza Ortodoxo edo Bizantziar Eliza Katolikokoak baizik. Euren hizkuntzaren jatorriari buruzko ikuspegi ezberdinak dira. Ikerlari batzuek ukrainera-dialekto bat dela defendatzen dute, eta badira ere talde linguistiko rusiniarraren tokiko aldaera dela edo gainerakoetatik at berezko sistema linguistiko osoa osatzen duela uste dutenak. Lemkerak batez ere ukraineraren eta ekialdeko eslavieraren ezaugarri fonologikoak ditu, baita ezaugarri bereizgarriak ere fonetikan, morfologian eta lexikoan. Errusierak eta ukrainerak erabilitako alfabeto zirilikoaren ez beste bertsio arinki ezberdina darabil. Bestalde, lemkerak kontaktuan izandako poloniera, eslovakiera, hungariera eta errumanieratik maileguak eta eragina jaso du eta mugakide izan dituen polonieraren dialektoetan ere eragin, bereziki artzaintzarekin eta esnearen prozesatzearekin lotutako terminologian. Poloniako biztanleriaren %30 izatetik %1 izatera 1947ra arte, ziur aski lemkoen gehiengoa elebakarra zen, soilik lemkeraz mintzo zen. Poloniarrekin izaniko kontaktuak azoketara eta gizonentzat soldadutzara mugatzen ziren. 1947an ere agintari poloniarrek Akcja Wisla (Vistula) Operazioan 35.000 lemko bortxaz deportatu zituzten Poloniako sartalde eta iparraldera, II. Mundu Gerra amaitzean Errekuperatutako Lurraldeetara, maiz familia bana herri banatan bakartuz. Helburua polonieraz mintzo ez ziren (agintariek izendatu gisa) "ukrainarrak" asimilatzea zen. Era honetan, Poloniak lurraldean ziren gutxiengoak homogeneizatzearen ildoa hartu zuen: II. Mundu Gerra aurretik Poloniako biztanleriaren %30 baziren, egun %1 baino ez dira. Gerra aurretik ere, sobietarrek beste 90.000 lemko Ukrainako eskualde urrunetara deportatu zituzten, eta XIX. mendean lagun ugarik Kanada eta AEBetara emigratu zuten, besteak beste erlijio arazoen kausaz. Akcja Wislak Lemkovyna jendez hustu zuen. Bederatzi urte geroago, agintari poloniarrak lehen itzulerak baimentzen hasi ziren. Gerrartean, eskolak lemkeraz eman baziren, 1947tik aurrera soilik polonieraz izan ziren. Azken urteotan, halere, berriz errekuperatu dira eta lemkeraz lau bat orduz astean ikas dezakete lemko eta poloniar jatorriko haurrek lemkoak bizi diren herrietako eskoletan. Egun, Polonian lemkera hiztun gehienek tokiko familia-aldaera eta poloniera estandarra ezagutzen dituzte; Polonian 60.000 inguru lemko (horietarik 10.000 Lemkovynan) dela, eta hiztunak milaka batzuk direla uste da. Eslovakian 100.000 lagun, eta hiztunak herena omen dira. Duela 50-60 urte lemkoak ospakizun batean. Argazkia Klaudia Maslej-en bildumakoa da. 1902koa da hizkuntzaren gramatika deskribatzaile bat. 1933an Lemkovyna ukrainatzearen arriskuez jabetuta, Metody Trochanovskyk eskoletan erabiltzeko lemkeraz idatzitako Lehen Alfabetoa eta Lehen Irakurketa Liburua idatzi zituen. 1938an gobernu poloniarrak debekatu zituen. Geroztik Lemkera garaikidearen gramatikaren deskribapena eta hiztegia idatzi dira. Halere, literaturaren jarioa urria da, iraganean literatura aberatsa eta adierazpen poetikoagatik nabarmena izan bazen ere. 2013an, Printze Txikia lemkerara itzuli zen. 1871n, lemkera gainerako rusiniera aldaeretatik bereizteko adierazpena sinatu zuten lemkoek. Ostera rusiniera batzearren hainbat saio egin arren, ez da adostasunik lortu. 1992an, rusiniarrak bizi diren (Errumania izan ezik) Polonia, Eslovakia, Ukraina, Hungaria eta Jugoslavia ohiko idazle, kazetari eta akademikoz osatutako talde adierazgarri bat Hizkuntza Rusiniarraren Lehen Kongresuan elkartu zen. Bertan, Suitzako erromantxe herriak egin bezala, euren aldaera orotarako eskualde-estandarrak bilatzeko erabakia hartu zuten, geroago, eskualde guztiei balio izango liekeen estandar batu bat sortzeko xedearekin. Soilik Eslovakia eta Poloniako aldaerak estandarizatu ziren. 2007an Hirugarren Kongresua egin zuten, eta eskualde-aldaera estandar horiek sortzearren ahaleginak bizkortzearen adierazpena egin. Oraindik ez dira lortu. Lemko populazioan egindako galdeketetan, euskaldunok sarritan geure buruari egindako galderak dira: posible da lemkeraz ez dakien inor lemkotzat hartzea? Lemko izatearen kontzientzia Akcja Wislaren deportazioek lemkoen aldi baterako desintegrazioa ekarri arren, bizkor berrantolatzeko gai izan ziren. Nahiz ez dakigun neurrian, lemkoak Poloniako populazioan partzialki asimilaturik izan, jasandako deportazioek lemko nazio-kontzientzian eragin handia izan zuten. Bestalde, poloniarrek lemkoei egindako arbuioak eta agintari poloniarrek hedatutako ukrainarren estereotipo negatiboek ere, poloniar baino lemko gisa identifikatzeko indarra eman zieten: egun lemko askok soilik lemko edota ukrainar identitatea onartzen dute. Gaur egun maleruski, Polonian lemkera gainbehera handia jasaten ari da hiztun kopuruari dagokionez, eta egoera diglosikoan polonierak eragin handia du gazte eta haurren belaunaldian. XXI. mende hasieratik aurrera, gainera, familian lemkeraren transmisio etena ere gertatu da. Hizkuntzaren erabilera oro har familiarteko eta auzoko harremanetara mugatua da, urtero Lemkovynan eta Silesia Beherean antolatzen diren Vatra (menditarren guardia-su) jaietan elkartzerik duten arren. Lemkoen izate gogorrak euren bizirautea bermatu arren, ez dakigu etorkizunean izango duten bilakaera nolakoa izango den.
news
argia-e372f48fa555
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/danel-solabarrieta-zientzia-guztion-eskura.html
"Zer nahi dugu, oso argiak diren ikerlari gutxi batzuk edo denetariko ugari?"
Uxue Apaolaza
2017-11-26 00:00:00
"Zer nahi dugu, oso argiak diren ikerlari gutxi batzuk edo denetariko ugari?" Danel Solabarrietak (Ondarroa, 1976) psikodidaktikako eta psikopedagogiako ikasketak ditu, eta Lehen Hezkuntzako diplomaduna da. Hamar urtetik gora darama Elhuyarren lanean eta fundazio horrek Europako hainbat herrialdetara eraman duen STING programa koordinatzen aritu da azken urteetan. Zer egin hezkuntzaren alorrean neskek zientzialari izateko pausoa eman dezaten? Elhuyarren, zure sailaren helburua zientziarekiko interesa sortzea da. Bai, hainbat alor dugu horretarako. Zientziaren komunikazioa alorrean, esaterako, publiko orokorrarentzako hainbat proiektu dugu: Teknopolis programa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa, Elhuyar aldizkaria… Bestalde, zientzia-hezkuntza saila daukagu; horren helburua da gazteei, bai hezkuntza formalean bai ez-formalean, aukerak ematea zientziarekiko ikuspegi erreala izateko. Ez dugu denak zientzialariak izatea nahi, baina bai zientzia ez dezatela errefusatu. Esaten da egungo gazteek oraindik existitzen ez diren lanak edukiko dituztela, eta lan horiek zientzia-gaitasunak eskatuko dituzte.  Bestalde, herritar guztiok zenbait erabaki hartzeko erantzukizuna dugu, eta erabaki horiek hartzeko zientzia-gaitasunak behar dira. Non inbertitu erabakitzeko, osasunarekin lotutako erabakiak hartzeko… Baina interesa ez omen da nahikoa norbaitek zientzialaria izango dela erabakitzeko. Estereotipoei ere aurre egin behar izaten zaie. Denek esan ohi dute zientzia interesatzen zaiela, bai gazteek bai helduek. Baina kontua galdera egiteko modua da. Galdetzen badugu zenbat denbora ematen duten gaiari buruz hizketan, gaiari buruz irakurtzen, joaten ote diren erakusketak ikustera… ondorioa desberdina da. Gazteek zientziaz ikuspegi estereotipatua dute. Adibidez, informatika-ikasketak hasi eta sorpresak hartzen dituzte, ez dakitelako, berez, zer den informatika ikastea. Zientzien mundua zenbat eta gertuago eduki, estereotipo gutxiago izango dute hari buruz. Zer estereotipo dira ohikoenak? Bat da jende oso azkarraren kontua dela. Beraz, zientzia interesatu arren, batzuk ez dira zientzietan aritzeko gai sentitzen. Nerabezaroan hartzen da erabaki hori; nesken kasuan autoestimu baxuagoa izaten denez, gutxiago animatzen dira matematikan edo ingeniaritzan aritzera. Informazioa eman behar zaie erabaki horiek oinarri sendoko datuetan funtsatuta hartu ahal izateko. Aukeratu behar dugu: zer nahi dugu, oso argiak diren ikertzaile gutxi batzuk, edo denetariko ugari? Autoestimua ez da izango faktore bakarra... Ez, badira gehiago. Adibidez, eskolaz kanpo familiarekin egiten diren jarduerek eragina dute. Ez da dena eskolaren esku utzi behar. Orientazioa ere garrantzitsua da. Erakutsi behar zaie kimika ikasteak ez zaituela eramango zuzenean laborategi batera, zerbait ikasteak ez zaituela lanbide jakin batera mugatzen. Ikasteak ate asko irekitzen ditu, gradu bat ez dago lanpostu bati lotuta. Ibilbideak malguagoak direla transmititu behar zaie. STING programaren helburua erabaki hori hartzeko unean nesken eta mutilen arteko aldea txikitzea izan da. Proiektua zortzi herrialdetan landu dugu eta ohartu gara inon ez dagoela inportatzeko harribitxirik, metodologiarik, arazoa gutxi gorabehera berdina dela leku guztietan. Gainera, ez litzateke ona izango metodologia bat hartu eta inposatzea. STINGen helburua baliabideak ematea da, bi bloketan. Genero kontzientzia batetik, ikasgelako praktikak bestetik. Irakasleen kexa denbora gabezia izaten da gehienetan, beraz hori konpondu nahi izan dugu, gaia lantzeko topaketak antolatuta. Ez da erraza norberaren estereotipoak onartzea; guk natural egiteko ariketak proposatu ditugu, estereotipo horiek azaleratzeko balio dutenak. Gero horien eragina txikitzeko zer egin aztertzen da. Denbora gutxirekin ari garenean, senez, estereotipoek eragin handiagoa izaten dute; denbora hartu eta gauzak aurretik hausnartzen baditugu, aldiz, estereotipoen eraginak behera egiten du. Guk trikimailu txikiak ematen ditugu: talde lanetan, zerra nork hartzen du? Mutilek. Nor arduratzen da dokumentazioaz, datuak hartzeaz? Neskak. Irakaslea horretaz ohartu baldin bada eta ikasleei planteatzen badie, haiek segituan ulertzen dute. Aurretik kontzientzia hartu behar da, hau da, betaurreko moreak jarri behar dira. 2015ean hasi zineten STINGekin, dagoeneko emaitzaren bat izango duzue. Bai, 2015ean hasi eta aurtengo irailean amaitu genuen. Herrialde bakoitzeko erakunde bakoitzak bere erara egokitu du programa. Guk gure askotariko proiektuetan integratu dugu. Adibidez, Elhuyar Zientzia Azokan. Ikasleek taldeka lan egiten dute ikertzaile batekin eta proiektuetako batzuk Bilbon aurkezten dituzte… Hor integratu dugu STING programa. Orain, besteak beste, zenbatu egiten dugu zenbat neska etortzen diren eta horrela esku hartu dezakegu. Ohartu gara, adibidez, eragin handia izaten duela mentorea neska izateak. Emango diozue jarraipenen bat proiektuari? Bai, hala nahi dugu. Hasi ginenean, duela hiru bat urte, ez genekien nola aterako zen, eta orain jarraitzeko asmoa dugu. Generoarekin lotutako beste baliabide batzuk ere eskaintzen ditu Elhuyarrek. Bai, adibidez, asko erabiltzen dugu Elhuyar aldizkariko Ekinean atala: emakume ikertzaileei egindako elkarrizketak izaten dira. Izan ere, zer eredu erakusten diegu neskei? Beharbada egokiagoa da Marie Curieri buruz hitz egin beharrean, gertuko ereduak erakustea, ikerketa bat egiten ari den hemengo gazte bat, hondartzara ere joaten dena.
news
argia-a76e1fcfb679
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/anaiz-funosas-bake-bidea-ko-presidentea.html
"Luhuso efektua armagabetze bidean izan zena izatea nahi dugu Parisko manifestazioa"
Mikel Asurmendi
2017-11-26 00:00:00
"Luhuso efektua armagabetze bidean izan zena izatea nahi dugu Parisko manifestazioa" Baiona, 1979. Hazparneko Herriko Etxean hautetsi abertzalea da egun, bertakoa da izatez. Presoen aldeko Askatasuna elkarteko kidea izana. Bake Bideako presidentea da, Aieteko Bake Konferentziaren ondoren sortu zen mugimendua. Aiete lehenik, Luhuso herriko gertakariak ondoren eta Baiona  erdigune izanik ETAren armagabetze ekimenak mugarri izan dira Ipar Euskal Herrian. Anaiz Funosasek erran digunez, "Parisen, abenduaren 9an, manifestazioa beste mugarri bat izatea" espero dute. Aieteko Nazioarteko Konferentziatik sei urte iragan dira; 2011ko urrian egin zen. Iparraldeko jendartearen ordezkaritza zabala bildu zen bertan, hainbat hautetsi barne. Bake Bidea haren ondoren sortu zen. Ipar Euskal Herriko eragile politikoak euskal gatazkaren konponketan aitzindariak izan dira harrezkero. Zer ekarri du Bake Bidea mugimenduak azken sei urteetan? Hasteko, bake prozesua aitzina eramateko kontzientzia hartze gisako bat. Jendarteak bake prozesuan toki bat duela eta bere parte-hartzea funtsezkoa dela   sinestea erdietsi dugu. Aieteko Adierazpena izan zenean, eragile ia guztiek bakea negoziazioaren eskemaren baitan bideratuko zela pentsatzen zuten, hots, gobernuen eta talde armatuaren arteko elkarrizketen logikaren bidean. Aieten aldaketa eman zen, zeregin hori delegatu baitzen. Aldaketa ez da gure lanaren ondorioz bakarrik eman, baina logika hura aldatu da. Bidez bide, jendarteak ulertu du zein den egin beharreko bidea, poliki-poliki urratzen ari dena; hots, bidea gero eta adostuagoa bada, bake justu eta iraunkorrago batera iritsiko gara. Iparraldean hori gauzatzeko oztopoak izan ditugu bistan da, alta, horiek helduleku izan daitezen lan asko egin dugu. Etapaz etapa, beste etapa batera iristeko asmoz, adostasuna lortzeko bidean, ikasiz. Lehen ideia hauxe izan zen: adostu dezagun bide bat eragile politiko guztien artean, lurralde honek Frantziako Estatuari zer eskatzen dion garbi adierazteko. Aieteko adierazpena Hegoaldean izan zen, baina Iparraldean zinez mugarria. [Donostiako] Aieten bizi izan zenak inarrosi zuen Iparraldea. Adierazpenak hemen behar genuen bidea irekitzen lagundu zigun. Hautetsien eta mugimendu sozialaren artean bide bat adostu izana urrats handia izan zen. Gatazkaren soluziorako irtenbide moduko bat ikusarazi zigun. Ondorioz, Frantziako Estatua euskal gatazkaren inguruan kontzientzia gisako bat hartzen joan dela erran dezakegu. Duela sei urteko giroa eta egungoa ez da bera. Bake Bidea-ko kideok inoiz baino argiago ikusten dugu bake prozesuak nondik pasa behar duen… Nondik pasa behar du?   … bada armagabetzea egin ondoren, presoen auzibideari konponbide bat emateko behar diren mekanismoak ongi aktibatu behar ditugu, ondoren, prozesua bermatzeko. Bake bide honetan lehentasuna Iparraldeko eragile guztientzat, presoen auzia konponbidean jartzea da, baina, presoen auziaz batera, biktimen arazoari kasu eman behar zaio prozesuan. Bake Bideak presoen kolektiboak [EPPK-k] uztailean ezagutarazi zituen gogoetez balorazio baikorra egin du. Horrek presoen auziari irtenbide integral bat ematen lagundu dezake fase berri honetan. Izan ere, sei urte pasa dira Aietetik hona, eta presoen auzian ez da aldaketarik izan, familiek segitzen dute dispertsioaren politika pairatzen. Presoen auziak lehentasuna dauka. Horretarako dator abenduaren 9ko Parisko manifestazioa. Aieteko Adierazpenaren ondoren, Luhusoko atxiloketak eta ETAren armagabetzea ekimen mugarriak izan dira. Beharbada, Hegoaldeko jendea ez zen arras ohartu hemen urratzen ari zen bideaz. Luhusoko gertakariek iraganaren eta geroaren arteko mugarri bat ezarri zuten prozesuan, bereziki, hainbat jendek arrisku handia hartu zutelako. "Luhuso efektua"-k Hegoaldeko jendartean eragin zuen. Iparraldean denok bagenekien, goiz ala berant, hemengo gizarte zibilak iniziatiba hartuko zuela. Baina lehen urratsa, berriz diot, Aieten eman zen, hemengo eragile politikoentzat mugarria izan zen. Lehen aldikoz, Frantziako Estatuan Iparraldeko jendartea eta hauen ordezkaritza bakea sustatzeko eragile bezala kontuan hartu da nolabait. Luhuson jende esanguratsua atxilotua izanak –bakegileak izendatuak– jendartean eragin du bereziki. Aldaketarako ukaldia orduan eman zen. Teorizatzeaz harago, bake bidean gizartea aktibatua izatea zein garrantzitsua den agerrarazi baitzuten atxilotuek. Luhuson gertatua gogoeta partekatua izan da jendartean: armagabetzea gizarte zibilarekin batera egin behar dela berretsi zen, prozesua jendartearen babesarekin egin behar dela. "Luhuso efektua" deitua izan da horregatik, eta horregatik aitzina hartu zutenei eskertu zaie behin baino gehiagotan, arriskua hartu izateagatik. Arrisku horiek bake prozesua bideratzeko ezinbestekoak izan dira. Egun zein unean dago bake prozesua? Bakea ideia lausoa baita, betiere. Engaiamendu hau hartu dugunok badakigu, armagabetzea berez ez dela bakea. Baina, arriskuak arrisku, gero eta gehiago engaiatzeko unean gaude. Bakegileek erakutsi duten filosofiaren ildoan bidea areago irekitzen lagundu behar du jendarteak, jendeak badaki armagabetzeak ez duela bakea ekarriko. Izan ere, armagabetzea bake prozesuaren ondoren gauzatu izan ohi da, akordio baten baitan. Aldiz, hemengo bake prozesua eta beste herrialde batzuetan eman diren bake prozesuak ez dira berdinak. Euskal Herrian bake prozesu batean gaudela dio Bake Bideak, ez negoziazio eskema batean, beraz, gure engaiamendua elkarbizitza eraikitzeko bitartekoak lantzen joatea da, elkarbizitza sustatzeko bide bat osatzea. Armagabetzea eman ondoren, jendartearekin batera, bakegileak, gizarte zibila eta lurraldeko hautetsi gehienak engaiamendu baten baitan ari gara. Kontziente gara, auziari irtenbidea emateko, mekanismoak ezarri behar ditugula justizia trantsizionalaren baitan. Iparraldean beste kultura politiko bat dagoela ohartu dira Hegoaldeko eragile politikoak. Zer iritzi duzu horretaz?    Hainbat arrazoi daude horrela pentsatzeko. Adibidez, ni Askatasuna mugimenduko bozeramaile izan naiz, hemengo hautetsi batzuk seinalatu nituen errepresio garai latzenetan. Baina, Aietez geroztik elkarrekin lan egiten hasi ginen eta elkar onartzen ikasi dugu. Alta, horrek ez du erran nahi ados garela gure helburu politikoetan, baina ados jarri gara elkarbizitza sustatzeko. Gure konbentzimendua da, bake prozesua gero eta determinatuagoa bilakatu ahala, bake prozesuaren helburua zehatzagoa izan daitekeela, eta horrek berme gehiago ematen digula agertoki ahalik eta justuenera iristeko. Ipar Euskal Herriko ordezkaritza esparru politikoko jende esanguratsuak osatua dago. Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez Jean-René Etchegaray, Giza Eskubideen Frantziako Ligako ohorezko lehendakari Michel Tubiana, Laborantza Ganbararen sortzaile Mixel Berhokoirigoin, Pirinio Atlantikoetako diputatu Vincent Bru, baita zu ere. Zer iritzi duzu beraietaz? Lehenik eta behin, ardura politikoz ari den jendea da. Garai batean ematen zuen ezin zutela edo genuela [hautetsia da bera ere] gure erantzukizun hau hartu, alabaina, erakutsi dute posible dela, eta nik hori errekonozitzen diet. Kontzientzia hartze kolektibo bat eman da hemen. Hegoaldean, sektore politikoen arteko aldeak "definituagoak" daude, alde bat hemen eta bestea hor. Hemen ez dago ezagupen instituzionalik, ez da egon gatazka politiko baten bizipen azkarra. Hala ere, Aieteko adierazpenaren ondoren, hemengo sektore politiko guztiek onartu zuten gatazka politiko baten existentzia, hori izan da gakoa. Pausoa izugarria izan zen, euskal auziari zein soluzio eman behar zaion, denon artean adostu behar baitugu. Eta zeregin horretan, bidean denok zerbait jarri dezakegula sinetsi behar dugu, baita sinetsi ere Frantziako Estatuak ardura hartu behar duela bide horretan. Sinetsi behar dugu bide hori egiteko gaitasuna dugula, bide bat eraikitzen dela iraganean gertatu zena alde guztiek kontatua, ez baitugu interpretazio bera eginen, baina batak bestearena ulertu behar du gutxienez. "Parisko Gobernuaren jarrerak ustekabean hartu gaitu. 'Lan esparru berria' zabaldu da euskal preso politikoaren auzian. Irekidura gisako bat da", esan zenuten iragan astean. Itxaropen handia dago, antza. "Ustekabea" ez da hitz egokia. Bake Bideak ez du hori erran. "Lan esparru berri" bat eraikitzera pasa garela "ustekabea" baino, azken urtetako lanaren ondorio bezala hartzen dut nik. Ipar Euskal Herrian eraikitako lan eskemari lotua dena, hau da, gogoetatu duguna praktikan jarri da gizarte zibilean, eta instituzioek eta hauen hautetsiek bide horretan batera aritzeko unea iritsi da. Batzuetan, hautetsiak eta eragile sozialak elkarren kontra jarri nahi baitituzte… Nork nahi ditu elkarren kontra jarri? Erran nahi dut, zenbaitetan instituzioek edo ordezkari politikoek beldurra diotela gizarte zibilari, batzuek bederen. Hemen, bake bidea abiatu zenean, ez zegoen, demagun Euskal Elkargoa. Gizarte zibilak ez zuen deusik, baina berak bultzatuta abiatu zen instituzioa, eta bidean noski, hainbat gorabehera izan dira. Bakegintzan ere, beti dira gorabeherak, baina bi aldeek ulertzen dute elkar eta aitzina goaz. Apirilean hasi zen antolatzen abenduaren 9ko manifestazioa. Denbora luzez prestatzen ari den ekimena. Hori da Ipar eta Hegoaldearen arteko desberdintasunetako bat, bizi ditugun bi erritmoen adierazlea. Hemen pauso esanguratsuak emateko badakigu denbora luze behar dela, presaka ibili beharrean, luzera begira aritu behar izaten dugu, emango den urratsa atzeraezina bilakatu dadin. Gu emeki ari gara, baina aitzina aldi orotan. Abenduaren 9ra begira lanean jarri ginenetik indar harremanak metatzen eta koordinatzen aritu gara, areago, aldi honetan Euskal Herriaz harago goazelako, Pariseraino. Ahalik eta bide zabalena ireki nahi dugu, ekitaldia mugarria bilakatu dadin. Orain arte une mugarri batzuk bizi izan ditugu, eta une mugarriak izanen dira berriz ere, konfiantza sendotzeko eta gizarte zibila areago aktibatzeko. Frantziako Gobernuak eman duen lehen pausoaren ondoren [Euskal ordezkaritzarekin biltzea] pauso finkoago bat ematen badu, une mugarri berria izanen da. Manifestazioan zuhurtziaz jokatu behar da, beraz.   Bai. Abenduaren 9ko manifestazioa ez dugu manifa soiltzat jo behar. Mugarri berri baterako beste urrats handi bat izatea nahi dugu. Luhuso armagabetze bidean izan zena izatea nahi dugu, une azkar bat, bihurgune bat, beste alde batera eramanen gaituena. Lana badago, zeren eta, esaterako, Madrilek ez digu uzten aitzinatzen, mugimenduak blokeatzen entseatzen da. Pausoz pauso, baina pausatuki. Bai, baina aitzina beti. Adibidez, Frantziako Gobernu berria apirilean osatu zen, baina euskal ordezkaritza ez zen gobernuak nondik nora joko zuen begira gelditu. Parisera joan ginen eta atean jo. Alabaina, ez dezagun inor tronpatu, euskal afera ez dago Barne Ministerioaren agendan, frantses estatuaren agendan. Orduan? Bada, guk "inposatu" behar dugu agendan egotea. Eta inposatzeko, Ministerioaren dosierrak mahai gainean ezartzen ari ziren unean, gu han egotea izan zen eragingarria. Euskal Elkargoa sortu berria zen unean, Jean-René Etchegaray presidentearekin batera joan ginen, Elkargoaren irailaren 23ko Batzar Nagusiaren mandatuarekin, halaber, Vincent Bru diputatu berria bertan zegoela. Beraz, ordezkaritza anitzak sostengaturik hauxe esan genien: Euskal auzia Asanblea Nazionalera eraman behar da. Frantses diputatuek gaia kontuan hartu behar dute, hasteko eta behin, giza eskubideak aintzat hartzeko. Baita erran genien ere, sei urte direla Aieteko adierazpena eman zenetik, bake nahia dagoela gure herrian eta horri begira hainbat urrats eman direla, hala nola, ETAren armagabetzea. Ez dela abiatu zen trena aldentzen eta joaten utzi behar. Kuraia eta esperantza behar dira. Kuraia bai, baina esperantza baino gehiago sinesmena behar da. Sinetsi behar dugu, sinetsi gabe ezin dugu aurrera egin. Ipar Euskal Herrian badugu sinesmen hori, gure baitan sinesten dugu, eta sinestearen poderioz sortu dugu egungo eragile politikoen arteko harremana. Gure konbentzimendua da gaitasuna dugula jendartea mugiarazteko. Sinestea da gakoa.
news
argia-b25f7a2c623c
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2576/aran-llivina-eta-iru-moner.html
"Errepublika indartzeko gakoa da sektore ez soberanistak batzea"
Estitxu Eizagirre
2017-11-26 00:00:00
"Errepublika indartzeko gakoa da sektore ez soberanistak batzea" Iru Moner eta Aran Llivina Bartzelonako Vallcarca auzoko Heura Negra asanblada libertarioko kideak dira. Entzun gako sozialetan antolatutako herritarrei, Katalunian gertatzen ari dena ulertzeko ezinbestekoa da-eta. Estatu bat sortzeko borrokak eragingo du kontraesanik Katalunian hain indartsua den mundu libertarioan. Nola uztartu dituzue bi borrokak? Iru Moner: 2014-2015ean herrietako galdeketak hasi zirenean, hitzaldiak ematen aritu ginen mugimendu libertariotik datorren Embat erakundeko kideok. Guk autodeterminazio eskubidea babesten dugu, CNT-k eta CGT-k egiten duten bezala. Baina ezin dugu Podemosek bezala jokatu, kontzeptu abstraktuez mintzatu bai baina praktikan jartzerakoan ihes eginez. Autodeterminazio eskubidearen alde bagaude, erreferendum bat demokrazia zuzen ekintza bat da. Horregatik egin genuen erreferendumaren alde, esaten dugunarekin kontsekuente izatea bilatzen baitugu. "Gure mezua ez da hain nazionalista. Estatuarekin hausteak irekitzen duen aukeren markoa da guretzat gakoa" Baina gure mezua ez da hain nazionalista. Estatuarekin hausteak irekitzen duen aukeren markoa da guretzat gakoa: 1939tik datorren 78ko Erregimenean hain lotuta dagoen boterea desegituratzeak irekitzen dituen aukerak baliatzea. Izan ere, iraultza guztiak beste iraultza batzuen aurrekarietatik datoz; boterea desegonkortu delako, botere egiturek dar-dar egin dutelako. Aran Llivina: Gehitu nahi nuke gaizki sentitu nintzela, asanblada libertarioan berandu erreakzionatu genuelako. Ni independentista naiz, eta asanblada libertarioan eztabaida atera nahi izan nuen erreferenduma baino hiru-lau hilabete lehenago, eta ez zen espaziorik egon. Asanbladako jendeak ez zion sinesgarritasunik ematen gertatzen ari zenari eta gainera kontraesan asko sortzen zituen, beraz, debateari izkin egin zitzaion, gaia otorduetako komentarioetara mugatuz. Ondoren, erreferendumaren aurreko astean, korrika eta presaka asanblada libertarioko jendearen barne kontraesanak debatitzen aritu behar izanak amorrarazi ninduen. "Aizu, CDRa ez da autolaguntza talde bat! CDRak eta mobilizazioak, ikuspegi libertariotik, bakoitza iristen dena aportatzeko dira. Ez baduzu argi eta kontraesan asko ekartzen badizkizu, geratu etxean, ez da ezer gertatzen" Egon diren mobilizazio bakoitzean kontraesanak azaleratu dira. Esaterako, auzoko CDRan eztabaida atera zuen jende libertarioak, urriaren 10ean Parlamenta babestera joateak sortzen zizkien kontraesanez, denok baititugu 2011ko ekainaren 15ean Parlamentaren eraikina inguratu izanagatik auzipetutako lagunak. Eta aizu, CDRa ez da autolaguntza talde bat! CDRak eta mobilizazioak, ikuspegi libertariotik, bakoitza iristen dena aportatzeko dira. Ez baduzu argi eta kontraesan asko ekartzen badizkizu, geratu etxean, ez da ezer gertatzen. Norberak ikusi behar du noraino iristeko prest dagoen eta ez hortik aurrera joan. Eremu libertarioan jende asko geratu da independentzia prozesutik kanpo? I. Moner: 2014-2015ean hau aukera bat dela azalduz hitzaldiak emateari ekin genionean, gaur baino desenkantu handiagoa zegoen sektore libertarioan. Guk M15-arekin parekatzen genuen egoera, orduan ere gauza bera gertatu "Inoiz ez da gertatuko iraultzarik zure gustura egina izango denik. Iraultza denak dira kontraesankorrak, zikinak, eskuak lohitu behar dituzu" zitzaigulako: mugimendu libertarioaren erdia buru-belarri sartu ginen, eta beste erdia begira geratu zen, "mugimendu ciudadanista bat da" esanaz. Gure hitzaldietan mezu hau zabaltzen genuen: Bilatzen duguna gizartearen sakoneko aldaketa bada, horrelako gizarte mugimendu bat dagoenean ezin gara ertzean geratu, gutxiago arrazoi ideologikoengatik. Bestela, "saloiko anarkista"-ren erosotasunean erortzeko arriskua dugu. Inoiz ez da gertatuko iraultzarik zure gustura egina izango denik, langile guztiak super koherenteak, matxistak izan gabe, denek helburu bera izanik... iraultza denak dira kontraesankorrak, zikinak, eskuak lohitu behar dituzu, gustuko ez dituzun erabakiak hartu. Sektore anarkista sozialenak eta antolatuenak, esaterako Embat edo auzoko asanblada batzuk, uste dut gai izan garela mugimendu libertarioko zati handi bat independentzia prozesura bultzatzeko. Baina jende asko dago, eta errespetatzen dut, uste duena kanpo egon behar duela, ez duelako beste estatu bat sortzeko borrokatuko. Argazkia: Victor Serri. Herritarren autoantolaketari ematen diozue balioa. Lanketa honetatik etorkizunerako %10 geratzen bada, ez da gutxi! I. Moner: Irailaren 20an, Guardia Zibila Ekonomia Kontseilaritzan eta CUPen egoitzan sartu zenean eman zen aldaketa, jendea lanera lotu zen. Aurretik, Empapelem ekintzetara joan nintzen [erreferendumean baietza bozkatzeko kanpainaren afixa "debekatuak" itsasteko herritarren ekimena], nire burua "kaixo, Iru naiz, auzo elkarteko kidea" aurkeztu nuen, eta Vallcarcako CDRa jarri genuen martxan, autoantolaketarako aukera ikusten genuelako. Erreferendumaren aurreko egunetan eman zen autoantolaketa agertokia, ondoren urriaren 3ko greba orokorrarekin itxiera biribila izan zuena, inork ez zituen irudikatzen aurrez. Gure aukerak gainditu zituzten. Erreferenduma baino bi egun lehenago eskoletan jende erabat ezberdina ados jarri zen norabidean: auzotarren elkarteak, eskoletako gurasoen elkarteak, eskoletako zuzendaritzak, irakaskuntzako sindikatuak, mugimendu politiko anitzak... ados jarri ziren eskolak okupatu behar zirela, zaintza guneak egon behar zirela, janaria egon behar zela, medikuek artatzeko guneak izan behar zituztela... Hau guztia herritarren antolaketa izan zen eta jende askori iltzatuta geratu zaio: frogatu dugu guztiok nahi dugunean herritarren antolaketak edozer dezakeela. Zein da egungo zuen irakurketa? "Kaleak irauli zuen egoera, ez zegoen aurreikusia benetan erreferenduma egin egingo zenik. Praktikan posible egin genuen herri antolaketa indartsuari esker, eta hori ez zuen espero ezta Kataluniako Gobernuak berak ere, ezta mugimendu soberanistak ere" I. Moner: Kaleak irauli zuela egoera, ez zegoela aurreikusia benetan erreferenduma egin egingo zenik. Praktikan posible egin genuen herri antolaketa indartsuari esker, eta hori ez zuen espero ezta Kataluniako Gobernuak berak ere, ezta mugimendu soberanistak ere. Hori ari da aitortzen ERC orain egiten ari den autokritikarekin. Ekintza sinbolikoagoak zituzten aurreikusiak, bozka-paperari eustea mossoen eta polizia nazionalen aurrean. Baina praktikan erreferenduma hainbesteko arrakastarekin egin izanak ekarri du processa abiadura bizian aurreragoko puntu batera eramatea. Herri mugimendua izan zen balazta, egoera gainditu zuena. Gaur egun jende guztia dago adi, abenduaren 21eko hauteskundeetan zer gertatuko. Erreferendumaren ondorenak ezustean harrapatu bagintuen, A21erako hilabete dugu prestatuago egoteko. Hauteskundeetatik ateratzen den eszenategiaren arabera, ikusiko dugu nola jokatu. Baina Gobernuan, ERCtik PDeCAT-era, independentziaren prozesuan zalantzati ari dira, atzera egiten ari ez badira. Eta Espainiako Estatua paparra gehiago ateratzen ari da. Madrilgo ustelkeria kasu denak estaltzen ari da Kataluniako gatazkarekin. Mobilizazio indartsuak burutu dituzuen herritarrak nola zaudete? "Jendeak asanbladetara etortzen jarraitzen du. Berrantolatzen ari gara, elkar hobeto ezagutzen, era horizontalean antolatzen ikasten, politika eta uneko analisien klase praktikoak egiten ari gara oso denbora azkarrean eta gaur arte politikan ari izan ez den jendearekin... itzela da" I. Moner: Geldialdian. Etengabe mobilizatzeak nekea dakar. Azken manifestazioa oso jendetsua izan zen baina jendea nekatuta dago eta bilduago egoteko garaia da. Baina asanbladetara jendeak etortzen jarraitzen du. Berrantolatzen ari gara, elkar hobeto ezagutzen, era horizontalean antolatzen ikasten, politika eta uneko analisien klase praktikoak egiten ari gara oso denbora azkarrean eta gaur arte politikan ari izan ez den jendearekin... itzela da. A21ean dena emango dugu, sudurrean pintza jarrita joan behar badugu ere, 155. artikulua abortatzeko bozka eta hitzen bidez. Baina ondoren hasiko da politena. Orain indarrak biltzeko garaia da, gure burua antolatzekoa, erresistentzia kutxak betetzekoa, prestatzekoa... Mugimendu libertariotik nola daramazue abenduaren 21eko hauteskundeen gaia? I. Moner: Ezker Abertzalea ilegalizatzeari utzi ziotenean bezala bizi dugu egoera, jende asko joan zen bozkatzera, orduan ere libertarioen mugimendutik proiektu politiko horretan asko sinesten ez bazen ere. Gure bozka gehiago da 155. artikuluaren aurkakoa, inongo proiektu politikoren aldekoa baino. Mundu "Mundu libertariotik inork ez du aukera politikoez ahoa zabaltzen, baina denek diote bozka ematera joango direla. Eta CDRetan ere hitz egiten da bozka ematera joan egin beharko dela, herritarrei dei egingo zaiela 155. artikulua garaitzera joateko" libertariotik inork ez du aukera politikoez ahoa zabaltzen, baina denek diote bozka ematera joango direla. Eta CDRetan ere ez da hitz egiten nori bozka eman, hitz egiten da bozka ematera joan egin beharko dela, herritarrei dei egingo zaiela 155. artikulua garaitzera joateko. Errepresioari aurre egitera bideratu behar dituzue indarrak? I. Moner: Errepresioari aurre egiteko prestatzen ari gara. Poliziarengandik oso hurbileko iturriak dituen Crónica Global medioa –nahiz eta ez den fidagarria– etor litekeen erasoa dekodifikatzen ari da: azaroaren 8ko greban garraioa moztu zutenak erakunde kriminal bat zirela dio, herri gerrilaren taktika zela hura. Nonbait, pentsa daiteke CDR sareaz ari dela eta dio Auzientzia Nazionalak eraman behar duela auzi hori... Euskal Herrian 90eko hamarkadan eta 2000ko hasieran erabiltzen zuten hizkera bera erabiltzen ari dira. Greban garraioa mozteagatik etor dakizkigukeen isunei aurre egiteko dirua biltzen ari gara eta "Euskal Herrian 90eko hamarkadan eta 2000ko hasieran erabiltzen zuten hizkera bera erabiltzen ari dira CDRen aurka. Greban garraioa mozteagatik etor dakizkigukeen isunei aurre egiteko dirua biltzen ari gara" jendea prestatzen. Hala ere, gure borrokak gehiago du proposamen izaera, ez jarrera defentsiboa. Prozesu konstituziogileari ekiteko garaia ere bada beraz? I. Moner: CDRetatik prestatzen ari gara prozesu konstituziogilea eta dinamika handiena duten CDRek badute bere Prozesu Konstituziogile komisioa. Oinarritik, gizartetik, herri boteretik, artikulatu behar dira oinarrizko puntuak. Hainbat aldarrikapen sozial bildu behar ditugu, eta bultza beharko genuke alderdi politikoek bere egin ditzaten oinarri hauek. CDRak izango lirateke eztabaida oinarrietara, auzo eta herrietara eramateko guneak; herritarrak, soberanistak ez direnak barne, inplikatuta senti daitezen, beren bizi baldintzak hobetzeko soilik bada ere. Errepublika hau indartzeko garaia da eta horretarako gakoa da soberanistak ez diren sektoreak batzea. Badira herritarren ordezkaritza eta erakunde gehiago ere. CDRak dira prozesu konstituziogilea lantzeko gune egokienak? A. Llivina: Nire ustez bai. Herritarrak antolatuta daude ANC, Òmnium, CDR eta alderdi politikoetan. Nik ez dakit zein den prozesu konstituziogilea antolatzeko proposamen instituzionala. Baina Katalunia osoko CDRen koordinadoran mahai gainean dagoen gaia da. Eta gainera oinarria zabaltzeko modua ere bada, jendeak ikus dezala tresna erabilgarria dela bere bizimodua aldatzeko, bere beharrei erantzuteko. "Independentziaren aldeko eragile guztiok independentziaren prozesuan batera goaz, baina posible da herri proposamenean ez hain ados egotea. Eta hori ez da txarra. ANC-Goberna-Òmnium  sozial-demokratak dira eta guk beste proposamen bat dugu. Gu ez gara ari hezurrak hausten, ondoren Kataluniako Errepublika izan dadin Frantziako Errepublika edo Espainiako Estatua bezalakoxea" I. Moner: Goberna-ANC-Òmnium hirukotik denbora asko daramate prozesu konstituziogilea lantzen, nahiz eta bizi ditugun baldintzen ondorioz, dena diskrezio handiz daramaten. Badakigu planteamendu batzuk nahiko aurreratuta dituztela. Independentziaren aldeko eragile guztiok independentziaren prozesuan batera goaz, baina posible da herri proposamenean ez hain ados egotea. Eta hori ez da txarra. ANC-Goberna-Òmnium hirukoari egin diezaiokegun kritika da, guk gurea lantzen badugu egozten digutela batasuna hausten ari garela, baina eurek eurena lantzen dutenean ez dela ezer gertatzen. Eurak sozial-demokratak dira eta guk beste proposamen bat dugu. Gu ez gara ari hezurrak hausten, ondoren Kataluniako Errepublika izan dadin Frantziako Errepublika edo Espainiako Estatua bezalakoxea. Alderdiak prest ikusten dituzue planteamendu honetan sartzeko eta herritarrek landutako oinarriak bere egiteko? A. Llivina: CUP bai. Espero dut erreminta erabilgarria izango dela une erabakiorra iristen denean. I. Moner: Hori gure esku dago. Argumentario trinkoa landu behar dugu, hutsunerik gabekoa, proposamen errealistak egin behar ditugu, jakin behar dugu kaleko hizkuntzan azaltzen, eta lortu behar dugu prozesu hau guztia aurrera ateratzen ari diren alderdiek (ERC eta garai bateko CiU) ez ateak ixtea, zeren horrela bada, aurrez aurre aritzera pasa beharko baitugu.
news
argia-1c9279098a3a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/inperioen-gainbehera.html
Inperioen gainbehera
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2016-01-03 00:00:00
Inperioen gainbehera Iragan azaroan The Sunday Times astekariak eta gure Larrun hilabetekariak erromatar inperioaren gainbeherari buruzko bi artikulu argitaratu zituzten. Bietan, inperio horren endekapena deskribatzeaz gain, berorren zergatiak estudiatzen dira. Gainera, zenbait hurbilketa egiten dira gaur egungo inperioen egoera azaltzeko eta zenbait aurreikuspen egiteko. Erromatar agintariak eta pentsalariak ez bezala, europarrok eta iparramerikarrak kontziente gara gure inperioen etorkizuna kapitalismoarekin lotuta dagoela. Halabeharrez, bata bestearekin erlazionatuta daude. Horrela, jadanik literatura oparoa daukagu. Hor dauzkagu ia ahaztuta Erromako Klubaren The Limits to Growth ek eta beronen ildotik gauzatutako ekarpenak. Lurra eskasa daukagu munduko populazioa elikatzeko eta ongarri kimikoek, epe luzera, lurraren etekinak endekatu besterik ez dituzte egiten. Halaber, petrolioa, "urre beltza", erromatarrentzat urrea zen bezala, sistema kapitalistaren oinarria da eta denboraren poderioan zailtasun handiagoak daude lur-azpitik ateratzeko eta merkatuetan ipintzeko. Beraz, petrolio urritasunak eragin negatiboa izango du kapitalismoaren biziraupenean eta bere ordezkoa aurkitzea ez dirudi erraza izango denik. Erromatarrek ezagutu zuten bezala, Europa eta AEB etorkinez (barbaroak) inguratuta gaude eta gure artean kokatu nahi dute, batzuek bizi ahal izateko, eta beste batzuek inperioen zutabeak kolokan eta auztitan ipintzeko. 3 milioi iritsiko omen dira Europara hurrengo urteetan, eta Jordania, Libano eta Turkian hainbat eta hainbat pertsona daude erbesteratuta Europarantz jauzi egiteko prest. Horiei Afrika txirotik etengabe hurbiltzen ari direnak erantsi behar. Europa etorkin uholde horiengandik babesteko harresi fisikoak eta militarrak ipintzen ari da. Baina egunetik egunera zailago eta konplexuago egiten da lurralde aberats eta oparo hau "defendatzea". Gainera, defentsak sustatzeko diru publikoen premia handiagotzen ari zaigu eta ekonomiaren ikuspegitik ere zaildu egiten ari da barne bakea ziurtatzea. Jadanik hasiak dira liskar ugari etorkinen aurka: oroitu Alemania, Herbehereak, Frantzia eta abar. Bestalde, sistema kapitalista inperialak funtzionatzeko neurri eta erakunde berriak behar ditu. Duela bi mende, estatuak oso gutxi esku hartzen zuen jarduera ekonomikoan, estatua oso meharra baitzen. Denborarekin, derrigorrez, estatua konplexuago bilakatu da eta erabakiguneak urrunduz joan dira. Horrela, gaur egun, sistema ekonomiko esplotatzaileak behar den moduan jarduteko erakunde lar konplexuak eratu behar ditu, zeinak hiritarrengandik kontrol lausoak jasango baititu. Hor daude Troika, Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa, Merkataritza Mundu Erakundea, eta horien gainetik ideologia mamitzen dieten Bildelberg Kluba, Davoseko Foroa, Trilaterala, non munduko aberatsenek, eskuin eta sozialdemokrata alderdi politikoek, sindikalista ustelek eta zenbait irakasle "ospetsu" parte hartzen duten. Horiek guztiek egosten dituzte munduko erabaki eragingarrienak. Erromatarren inperioaren garaian zientziak ezin zezakeen aurreikusi zer zetorkion orduko gizarteari. Hori gaur egun ez da horrela ematen. Oro har, badakigu mundua nondik datorren eta nora doan. Neurriak hartzeko garaian gaude, baina horretarako borondatea behar da. Orain arte ikusi dugunez, nahiago da gure planeta hondamendira eraman, aberatsenen egoera ukitu baino. Parisko COP21 adibidea da.
news
argia-0385f2dd0582
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/akuilari-aplikazioa.html
Keinu txikia, garrantzi handiko jarrera
Onintza Irureta Azkune
2016-01-03 00:00:00
Keinu txikia, garrantzi handiko jarrera Sakelako telefonoa eta bost minutu nahikoa dira Akuilari aplikazioa erabiltzeko. Jakina, garrantzitsuena norberaren hizkuntza eskubideak urratuak izan direnaren kontzientzia izatea da, eta horrela, gaur euskaraz jaso ezin izan dena bihar hala izateko pausoa eman daiteke. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak estreinatu du aplikazioa joan den azaroan. Iñigo Calleja bilbotarra nekatu samartuta zegoen. Metroan beti ikusten zuen 'Sopelana' idatzita, eta urteak dira Euskaltzaindiak 'Sopela' herri izena onartua duela. Lagun sopelaztarrak beti gauza bera esaten omen zion. Bada, kexa jarri zuen Behatokiaren webgunean, eta Metro Bilbaok konpondu du gaia. Callejak, orain, Akuilari aplikazioaren bidez txalotu du haien jarrera.  Bigarren kexa ere jarri du, berak kritika eraikitzailea egin duela dio. Donostiako Amara Plazan PESA autobus konpainiak daukan bulegoan beti ikusten zuen honako oharra: "Eska ezazu eta zihurtatu zure txartela". Eskolan bezala zuzendu beharreko akats ortografikoa dela uste du, bestelako garrantzirik eman gabe, baina behar ez duen h-a kentzeko eskatu du; sakelakoarekin di-da batean argazkia atera eta Akuilariren bidez kexa bideratu.  Galdetu gabe esan digu asko gustatu zaiola bataren eta bestearen kexak eta zoriontzeak ikusteko dagoen aukera, "komunitatea sortzeko balio du eta jakin-mina pizten du, ea beste tokietan nola dabiltzan. Adibidez, ohartu naiz Baionan hizkuntza urraketa asko egiten direla, Baionatik kexa asko heltzen dira". Akuilua, hizkuntza urraketak salatzeko Horixe baita Behatokiak abian jarritako tresna. Ez da berria, Euskararen Telefonoak –telefonoz deitzeko aukerak edo webgunearen bidez egiteko moldeak– funtzio bera du. Gaur egungo beharretara egokitu da ordea, egunero esku artean dugun sakelakoaren bidez sala daitezke orain hizkuntza urraketak. David Cascan erabiltzaileak dioen moduan, "kexarik ez jartzeko aitzakiarik ez dago orain".  Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak adierazi duenez, batzuek salaketa jartzeko erabiltzeaz gain, beste hainbat kontzientziatzeko balio dezake tresnak, alegia, urraketak hain naturalizatuta dituzten pertsonengana iristeko egitekoa bete dezake, "begira, horrelako zerbait gertatu zitzaidan orain dela bi aste!". Petriatiren iritziz, jokaera txikia da Akuilari erabiltzea, baina balio handia duen jarrera, "helbururik handiena urrats txikiz osatuta baitago". Azaroaren 24an abiatu bazen ere, Behatokian gustura daude orain arteko ibilbidearekin. 1.100 deskarga egin dira eta antzeman dute kexa-zorion kopuruak gora egin duela. Asun Ramos: "Hurrengo errenta aitorpena euskaraz jaso nuen" Asun Ramos Alfaro iruindarra da. Akuilari erabiltzen hasi baino lehen bi kexa egin zituen Behatokiaren Euskararen Telefonoan, duela 4-5 urte. Nafarroako Gobernuko langilea da eta hamaika aldiz esana omen zien errenta aitorpena euskaraz jaso nahi zuela, ez zegoen ordea modurik: "Nire kabuz saiatu nintzen eta ez nuen lortu. Telefonoa bazela orduan jakingo nuen eta probatu egin nuen. Hurrengo errenta aitorpena euskaraz jaso nuen".  Orduko hartan jarri zuen bigarren kexaz ez da akordatu ere egiten. Akuilari bi aldiz erabili du, eta gehiagotan erabiliko duela ziur dago. Euskararen Telefonoarekin alderatuz, azaroaz geroztik bi aldiz erabili du dagoeneko mugikorra kexak jartzeko. Erabilterrazagoa egin zaion seinale. Beroaldia edo haserrea pasa egiten dela uste du eta azkenean egin gabe utzi. Aplikazioak momentuan egiteko aukera ematen dio.   Iruñeko Udalari jarri dio lehen kexa. Igandez, zerbitzurik ez denean, konturatu gabe herritarrak artatzeko telefonora deitu eta erantzungailua atera zitzaion gaztelania hutsean. Haserretu eta kexa jarri zuen. Bigarrena, hauteskunde kanpainan hainbat alderdik bidalitako idatzientzat izan da. Esan diogu hurrengo hauteskundeen zain egon beharko duela emaitza ikusteko. Barre egin du, baina ondo daki zergatik jarri duen kexa: "Kexatzen naizenean bi gauza dauzkat buruan. Batetik, ondorio bat baldin badago, errenta aitorpenaren adibidean bezala, bikain. Bestetik, hauteskundeen adibidean moduan, segituan ez dut emaitzarik izango, baina Behatokia informazioa biltzen joango da eta gero noizbait eta nonbait izango du isla". Ramosen ustez, euskal hiztuna gaizki tratatua denean frustratua sentitzen da eta kexak jartzeak sentimendu horri bide bat eskaintzen dio. "Ideia bikaina izan dute Behatokikoek". David Cascan: "Munduan bakarra ez zarela ikusi ahal duzu" Bilboko metroa egunero lau aldiz hartzen du barakaldarrak. Ohikoak ez diren oharrak beti entzun izan ditu gaztelaniaz, nahiz eta esan dioten ele bitan ere egiten dituztela. Megafoniako oharra behin eta berriz gaztelania hutsean entzun zuen azken aldian kexa jartzea erabaki zuen. Bere mugikorra zaharregia izaki, lanekoa erabili zuen Akuilari jaitsi eta kexa sartzeko. Metroan bertan ere kexatuko dela dio, bi tokitan adieraztea batean baino hobe dela iritzi baitio. Momentuan egitea garrantzitsua dela uste du: "Denbora pasatzen bada eta ez baduzu gogoratzen zein egunetan gertatu zen, zein ordutan... arazoak izan ditzakezu kexa jartzean". Berari gertatu zitzaiolako dio. Udaltzaingoan hainbat egunera jarri zuen kexa eta erantzun zioten ezin zutela ezer esan, ez zuelako zehatz-mehatz adierazi zein ordutan gertatu zen. Udaltzainen txanda bat izan daiteke goizeko ordubiak artekoa eta ordu horretatik aurrera beste txanda bat. Metroan gertakari horrekin akordatu zen eta horregatik jarri zuen kexa momentuan. Udaltzaingoan gertatutakoa kontatu digu: "Noizbait deitu izan dut eta ematen du Kongon gaudela, ez dizute ulertzen... Behin telefonoz bestaldekoa euskalduna izatea eskatu nuen eta nitaz trufatzen hasi ziren. Batak besteari nola esaten zion entzuten nuen, 'euskaraz egin nahi duela dio!'.  Orduan esan nuen: 'Nahikoa da, kexa jarriko dut!'. Udalean, Behatokian eta Elebiden jarri nuen. Erantzuna: saiatuko zirela, baina ez zegoela euskaldunik. Oraingo Udalak zehaztapen handiagoarekin erantzun dio, baina oraingoz aldaketarik ez. "Agian, beste kexa bat jarri beharko dut hemendik urte batzuetara", dio barrez. Akuilaritik gehien gustatu zaiona Euskal Herrian jendea zein kexa edo zoriontze mezu jartzen ari den ikusteko aukera da, "munduan bakarra ez zarela ikusi ahal duzu, eta indarra ematen dizu".
news
argia-c1569b4bfb6f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/autobide-elektrikoa.html
Sistemaren goi tentsioko zainak
Garazi Zabaleta
2016-01-03 00:00:00
Sistemaren goi tentsioko zainak Espainiako Ministroen Kontseiluak urrian onartu zuen 2015-2020 Energia Plangintza. Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean Red Eléctrica de Españak eraiki nahi duen 400 kV-eko linea ageri da bertan. Proiektua gauzatzeko urrats bat gehiago. Gure zerua aldez alde zeharkatzen duten kablez josita dagoela ez gara ohartzen maiz. Euskal Herriko paisaian ohikoak bihurtu dira elektrizitatea garraiatzeko lineak, eta goi tentsioko hainbat ere baditugu lehenagotik.   2011n aurkeztu zuen Red Eléctrica de Españak (REE) 400.000 volteko linearen proiektua, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso lotuko zituena. Ez zen, ordea, hutsetik hasitako proiektua, alde batera utzitako Deikaztelu-Gasteiz goi tentsioko linearen jarraipena baizik. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zutenaren arabera, "ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteen eta egondako oposizioaren eraginez" bota zuten atzera lehen proiektu hura, eta Deikaztelu-Itsasokoaz ordeztu.   "Urrunekoa hurbildu eta hurbilekoa urrundu" Alberto Frias abokatu eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak argi azaldu du zertan datzan autobide elektrikoaren ideia: "Lurreko autobideen antzekotasunak ditu, baina airetik doa: autobideetan herrietako sarrera eta irteeretan bidesariak dauden bezala, goi tentsioko lineak azpiestazioak behar ditu energia bertatik hartu edo hara igotzeko".  Hasiera batean proiektuak Deikazteluko azpiestazioa jasotzen bazuen ere, onartu berri duten 2015-2020 Energia Plangintzan ezabatu egin dute. Horrek esan nahi du ezinezkoa izango dela linea tokiko beharretarako erabiltzea. 129 kilometroko ibilbidea izango luke goi tentsioko lineak, eta bide horretan Nafarroako eta Gipuzkoako herri eta kontzeju ugari izango lirateke kaltetuak. Dorreak Euskal Herrian orain arte ikusi gabekoak izanen dira proiektua aurrera ateratzen bada: 85 metroko altuera izan dezakete, Bilboko BBVAren dorreak adina. Horrez gain, elektrizitatearen joan-etorrirako linea denez, kable kopurua –eta eragina– bikoiztu egiten da: hemezortzi eroale osotara. 400 kV-eko linea berria nahikoa ez eta lehenagotik ibilbide berean dauden Orkoien-Itsaso arteko 220 kV-eko bi lineak indartzea ere jaso dute Energia Plangintzan. Irurtzun inguruan elkartu eta Gipuzkoara paralelo joango liratekeen zati horretan eragin elektromagnetikoa "ikaragarria" izanen dela azpimarratu du Friasek. Goi tentsioko linearen inpaktuak esparru askotan kaltetuko lituzke herriak. Paisaiari eta ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteak begi bistakoak dira: Natura 2000 Sareko eremu babestuen artetik pasatzen da linea, hala nola, Urbasa-Andia, Aralar, Aizkorri eta Oriagoienako eremuen arteko korridore ekologikoetatik. Hango animaliei eta batez ere hegazti babestuei –ugatza eta arrano beltza, besteak beste– zuzenean eraginen lieke, Friasek ironiaz dioen bezala "hegaztiak ez baitira oso ongi moldatzen tentsio maila horretako hemezortzi kablerekin". Landarediari ere kalteak ekarriko lizkioke, haritz, pago eta arteak moztuko lirateke eta.  Ingurumenean ez ezik, herri horien eta bertako biztanleen bizitzan ere eragin zuzena izango luke linea eraikitzeak. Osasuna dago alde batetik. Horrelako linea baten azpian lanpara fluoreszente bat bere kasa pizten dela ikus daiteke plataformaren bideo batean. Zein eragin izan ditzake maila horretako eremu elektromagnetikoak osasunean? Horrekin kezkatuta daude herritar asko, eta beren jatorrizko herriak uzteaz pentsatzen ari dira batzuk.  Europar Batasuneko zuhurtzia-printzipioak dio 100 voltek metro bateko segurtasun tartea behar dutela. Kasu honetan, kilometro erdiko tartea beharko litzateke linearen alde bakoitzean, kilometro bat osotara. Tarte horren barruan geldituko lirateke hamasei herri. Ez dira, beraz, ezarritako minimoak ere errespetatu. Eta herri-guneetatik haratago, beste toki asko ez dituzte kontuan hartu ere egin: baserri auzoak, kanpinak, jendea bizi den poligono industrialak, futbol zelaiak... Horrez gain, Mutiloako alkate Iñaki Ugaldek azaldu du proiektuak herrietako planteamenduarekin aurrez aurre talka egiten duela lurralde antolaketari dagokionez. Mutiloan, Goierriko beste hainbat herritan bezala, kultur ondareari balioa eman eta hango meatze zaharrak errekuperatzen ari dira, herriaren etorkizuna eta turismoa gogoan. Berdin gertatzen da Garesen Donejakue bidearekin, edota Deikaztelun, ardo ekologikoa ekoizten duten upategiekin. Linea bateraezina da jarduera horiekin guztiekin.  Eta hori guztia, zertarako? Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek hasieratik salatu zuten goi tentsioko linea horren helburua ez dela tokiko energia beharrizanak asetzea. Egon litezkeen energia desorekei aurre egiteko, lehenagotik eraikita dauden lineak indartzea nahikoa litzatekeela diote.  "Penintsulako energia sisteman potentzia handiegia dago instalatuta: 100.000 megawatt, eta eskaera gorena ez da inoiz 44.000 megawattetik pasatu. Hori, krisia baino lehen", azaldu du Friasek. Zer esan nahi du horrek? Behar dena baino energia gehiago sortzeko ahalmena dagoela –instalatutako potentziak bikoiztu egiten du eskaeraren gailurra–, eta elektrizitatea ezin denez gorde, kanpora atera behar dela. Adibide garbiak dira Castejóngo zentral termikoak: haien eraikuntzan eta mantenuan dirutza utzi ondoren geldirik daude, "sistemak behar ez dituelako". REEren datuen arabera, azken urteetan energia esportazioak gehiago izan dira inportazioak baino. Eta 2015-2020 Energia Plangintzan argi azaltzen da Frantziako Estatura energia garraiatzeko erabiliko dela goi tentsioko linea berria.   Herritarrak eta tokiko administrazioak vs. gobernuak Lizarraldeko energia hornikuntza izan zen Nafarroako aurreko gobernuak proiektua sutsuki babesteko urte askoan erabilitako arrazoia. Deikazteluko azpiestazioa proiektutik desagertzearekin batera, berriz, aitzakia hori bertan behera gelditu da. "2015-2020 Energia Plangintzak jaso du orain arte EAEko eta batez ere Nafarroako Gobernuak ukatu diguna: goi tentsioko linea, tokiko beharretarako baino, elektrizitatea Frantziara eramateko dela", dio Friasek. Nafarroako Gobernu berriari ere egitasmoa atzera botatzeko eskaria behin baino gehiagotan egin dio plataformak, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso salatu du Friasek: "Lotsagarria da aldaketaren Gobernuak 'Ez daki/Ez du erantzuten' jarrera hartzea kontu honekin".  Goi tentsioko linearen eskumena estatuarena izanik ere, elektrizitate planifikazioa egiterakoan proiektuak tokiko gobernuekin kontsultatzea eta komunikatzea derrigorrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute onartu kontsulta hori egin dutenentz, ezta kaltetutako udalen izenean galdetu zaienean ere. "Ez dituzte beren eginbeharrak bete: ez diete Udalei laguntza teknikorik eman, ezta epeen inguruko jakinarazpenik egin. Plataforma egon behar izan da informazio publikoaren hutsuneak betetzen".   EAEko eta Nafarroako gobernuen isiltasunaren eta immo bilismoaren aurrean, ordea, linea pasatzen den herrietan oposizio mugimendu zabala sortu zen proiektua atera bezain laster. Autopista Elektrikorik Ez plataforman bildu dira udalak, herritarrak eta elkarteak, eta proiektua gelditzeko lanean aritu dira azken urteetan.  2011ko abenduan, 470 udal karguk proiektua gelditzeko eskaera egin zieten gobernu foralari eta autonomikoari Berriozarren. Aurrez 220 udal eta kontzejuk onartuak zituzten eskari hori egiten zuten mozioak. Alderdi politiko askotako ordezkariak daude herriotan, baina bitxi bada ere, gai honetan adostasun osoa lortu dute guzti-guztiek: inor ez dago linearen alde. Udaletan legealdi berria hasi zenetik, korporazio berriak mozioak aurkezten ari dira aurreko udal-gobernuen jarrera berresteko. Baina proiektuak aurrera jarraitzen du, eta 2015-2020 Energia Plangintzaren onarpenarekin pauso garrantzitsua eman dutela azaldu digu Friasek: "Gelditzen zaien gauza bakarra ingurumen-inpaktuaren deklarazioa onartu eta publiko egitea da. Tramite administratibo sinple bat, alegia".  "Ez, ez, ez, goi tentsiorik ez" 400 kV-eko linearen proiektua atera zenetik mota askotako ekintzak eta jarduerak antolatu dituzte herrietan. Batzuk plataformak deituta, bateratuak, eta beste zenbait berriz, tokian tokikoak: manifestazioak, mendi martxak, hitzaldiak, parlamentuetan agerraldiak, itzalaldiak, prentsaurrekoak... Tentsiorik ez da falta izan goi tentsioko linearen aurka.   Aipatzekoa da, adibidez, 2012ko Altsasuko Deklarazioa: osasungintzako, kulturako, hezkuntzako eta kirol munduko 417 pertsonak agiria sinatu zuten "herrien etorkizuna bermatzeko eta horietan duintasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko".  2013ko ekainean, berriz, herri kontsultak egin zituzten goi tentsioko lineak kaltetutako 40 herritan. Berriz ere, herritarren erantzuna argia izan zen: erroldatutako biztanleen %63k hartu zuten parte kontsultetan, eta %99k proiektuaren aurka bozkatu zuten. Esanguratsua da, baita ere, Euskal Herrian alegazio gehien jaso dituen proiektua izan dela Deikaztelu-Itsasoko goi tentsioko linea. Nafarroan eta Gipuzkoan 14.000 alegazio aurkeztu zituzten herritarrek, udalek, kontzejuek eta esparru askotako elkarteek, bakoitzak bere alorretik egindako ekarpenarekin. Gaur egun oraindik, erantzunik jaso gabe jarraitzen dute guztiek. Aniztasuna autobide elektrikoaren aurkako mugimenduaren bereizgarrietako bat izan da hasieratik. 2014an antolatutako "Lurkide Egunak" oso ongi islatu zuen borrokaren nolakotasuna. Egun hartan, goi tentsioko lineak hartuko lituzkeen 129 kilometroak bete zituzten giza kate erraldoiarekin, herrietako elkarte eta talde askotako kideak dorreak egongo liratekeen 247 guneetan kokatuta. Tartean guraso elkarteak, gazte asanbladak, koruak, futbol taldeak, ehiztariak, kultur taldeak, mendi taldeak eta beste hamaika eragile ikus zitezkeen.   Hori bera da Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak azpimarratu nahi izan duena: herritarren arteko batasuna batetik, eta herrien artean sortutako harremanak bestetik. "Bailarako herrien arteko dinamika polita egon da, elkar ezagutu dugu. Baita Nafarroako herri asko ere. Horixe da borroka honek eman diguna".  Konpainia elektriko handiak garaile Goi tentsioko lineak eredu bati men egiten diola argi du Friasek: "Energiaren eta kapitalaren kontsumo intentsiboan oinarritutako herrialdean bizi gara. Iberdrola dorrea eta BBVA dorrea: Euskal Herriko zerua 'penetratzen' duten bi falo horien eredua da nagusi".  Eta goi tentsioko linearekin nortzuk izango dira irabazle? Red Eléctrica de España –pribatizatutako erakundea– eta konpainia elektriko handiak, batez ere Iberdrola, eremua kontrolatzen duelako. Konpainia horien inguruan dauden "ate birakariak" salatu zituen Autopista Elektrikorik Ez plataformak aurtengo otsailean, Iruñean. Alternatibez galdetuta, energia efizientziaren ideia atera da segituan. Gaur egun, jatorrizko energiaren herena garraioan galtzen da. Sistema erabat ez-eraginkorra dugu, eta goi tentsio linea hauekin produkzio puntuen zentralizazioa bultzatzen da, galerak gutxitzeko bidea hain justu kontrakoa litzatekeenean: energiaren ekoizpen puntua ahalik eta gehien hurbiltzea kontsumo puntura. Horrekin batera, bistan da energia aurreztea ere funtsezkoa dela.  Azkenik, energia alternatiboak aipatu ditu Friasek: "Energia alternatiboak eta berriztagarriak ez dira gauza bera. Berriztagarria izatea ez da ona bere horretan: Nafarroako energia eolikoak ez ditu, adibidez, Castejóngo termikoak ordezkatu, gehigarri modura erabili dute". Energia berriztagarriak bai, baina alternatiboak.
news
argia-bb39ec9cc81b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/malkorik-ez-mangladien-galeragatik-ekin-150-milioi-zuhaitz-landatzeari.html
Malkorik ez mangladien galeragatik: ekin 150 milioi zuhaitz landatzeari
Pello Zubiria Kamino
2016-01-03 00:00:00
Malkorik ez mangladien galeragatik: ekin 150 milioi zuhaitz landatzeari Mangladiak, itsas bazterrean marea beteak gerriraino estaltzen dituen eta bajamarrean sustraiak airean erakusten dituzten zuhaitzezko oihanak, suntsitzen ari gara planetako bazter guztietan. Guztietan? Ez: badira tropiko guztietan elkarte eta jendeak zuhaitz  'anfibiook' milioika landatzen ari direnak, milimetroka gora datorkien itsasoari aurre egin nahian. Ehun milioi zuhaitz txiki berri Senegaleko itsas bazterrean bertan: munduko basoberritze ahalegin harrigarrienetako baten irudiak eskaini ditu ARTE telebista franko-alemaniarrean Vu du Ciel (Zerutik ikusita) programan. COP21 biltzarraren asteetan telebistek erakutsi dituzten milaka katastrofe beldurgarrien artean, baikortasun printzak pizten dituzten esperientziak pantailaratu nahi izan ditu Yann Arthus Bertrand zinegileak.     Dokumentalean dioenez, Senegaleko desafio ekologiko handienetako bat da itsas bazterreko mangladietako arrainen eta ekosistemen bizirautea. Eta Senegaleko mangladiak aipatutakoan, heroia deitzen da Haidar El Ali, munduko 100 ekologista ekintzaileenen artean izendatua: Senegaleko milaka herritar konbentzitu ditu mangle txikiak milioika landatu ditzaten. Mangladiak dira itsas bazter tropikal eta subtropikaletan mareak egunetan bitan estaltzen eta husten dituen eremuetako oihanak, zuhaitz eta sastrakaz osatuak. Ur gazitan bizitzera egokitu dira, itsas hegietako baldintza zailetara. Sustrai sistema bereziz hornituta daude, mareagoran ur gazi eta olatu artean  oxigeno urriko lokatzetan bizirauteko eta mareabeheran enborrari airean zutik eusteko gai.     1980an planetan oihan bereziok 188.000 km2 betetzen bazituzten,  2005era bitartean 152.000 km2ra murriztu ziren. 25 urtean %20ko galera, gehienik industria, etxebizitza eta turismorako egiturak eraikitzeko, gero eta gehiago otarrainxka edo izkiren haztegi erraldoiez betetzeko, edo inguruko ur gezak agorrarazi dizkieten urtegi, errepide, kanal eta abar urratzeko. Mangladien txikizioaren erdian, ordea, badira horiek babesteko borrokatzeaz gain hondatuak edo arriskuan diren itsasadar, errio eta paduretako basatzetan zuhaitz gazte berriak landatzen saiatzen direnak, Vietnamen edo Bangladeshen bezala Madagaskarren edo Senegalen. Esperientzia famatuenetako bat hautatu dute ARTErako, Senegalekoa. Haidar El Ali (1953) da Oceanium Gobernuz Kanpoko Erakundearen arima. 1984an sortuz geroztik, Oceaniumek hiru ardatzetan biltzen ditu ingurumenaren aldeko lanak: itsas bazterreko oihanak mangle ( Rhizophora mangle ) gazteak landatuz biziberritzea, eko-turismoa eta honi lotutako urpekaritza, uretako bezala lehorreko kutsaduren garbiketaz gain. 2006an ekin zieten landaketei Casamanceko deltako Tobor herrian, suntsitutako padura batean 65.000 arbola sartuz. Frogatu ostean oin gazteen %85 aurrera ateratzen zutela –aurretik zenbait porrot jasanak ziren–  2008an 5 millions de palétuviers –izen hori dauka frantsesez mangleak– kanpainari ekinda, sei milioiz goiti landatzea lortu zuten 110 herritako 32.500 jende mobilizatuz hilabete eta erdian. 2010erako zifrak harrigarriak ziren: 62 milioi zuhaitz 5.000 hektareatan, 408 herritako 110.000 pertsonaren artean... Casamance eta Sine Saloumgo deltetako basoberritze arrakastatsuen jakin minez dabilen irakurleak hainbat erreportaje aurkituko du interneten, idatziz bezala bideotan. Zer prezio dauka otarrainxkak? Oceania Senegalen moduan, beste GKE eta elkarte asko ari da antzeko lana egiten munduan zehar, esaterako Mangrove Action Project . MAPek aldarrikatzen du lehen munduko fundazioetatik lortutako dirulaguntzak erabiltzen dituela elkarlanean mangladietan berezitutako ekologistekin, lekuko GKEekin eta administrazioekin. Erakunde bakoitzak dauka bere berezitasuna. MAPek azpimarratzen du itsas bazterreko oihanak berreskuratzeko metodologia propioa daukala, garrantzia emanez landatzen diren zuhaitzen aniztasunari –zeharka kritikatuz beste batzuek espezie bakarreko oihanak sustatzen dituztela–. Oihanberritze tekniketan eta herritarren parte hartzean asmatzea garrantzitsua da zuhaitz txikietatik gehienek urte batzuen ondoren bizirik dirautela bermatzeko, areago klimaren aldaketarekin eremuok direnean itsasaldien eta ekaitz handien biktima minberenetakoak. MAPek 130 lagun enplegatzen ditu denbora osoz eta proiektuak dauzka Kanbodian, El Salvadorren, Indian, Indonesian, Malasian, Myanmarren, Sri Lankan eta Thailandian. Heziketa eta sustapen lanak egiten ditu ere Txinan eta Bangladeshen oraindik osasuntsu dauden mangladien defentsan. Herrialde aberatsetako kontsumitzaileei ere badakarkie mezua MAPek: Question Your Shrimp , alegia galdetzeko gure izkirei. Bai, pintxoetan, entremesetan eta entsalada xumeenetan egunero jaten ditugun izkirei eta eguberrietako tripakadetan falta ezin diren otarrainxkei. Asko dakite mangladien suntsitzeez. Marea arteko oihanak erruz suntsitu dituzte izkirentzako haztegiak eraikitzeko, gehienak herrialde txiroetan: "Munduan barrena milioi bat hektareatik gora mangladi birrindu dira azken hiru hamarkadotan izkira haztegiak bertan antolatzeko", dio MAPek bere kanpainan. Itsas bazter tropikaletara iristen diren industrien artean izkiren haztegiena da suntsitzaileenetakoa: eremu zabalak merke berenganatu, dena birrindu, etekinak azkar atera eta martxa!, atzean hondamendia baizik utzi gabe. Akuikultura mota honek urtean haztegietan 8.000 milioi dolar eta saltokietan 50-60.000 milioi dolar balio duen jeneroa ekoizten du. Espekulatzaileentzako pagotxa, lekuko gobernu ustelez gain Munduko Bankuak eta beste erakunde gotorrek bereziki babesten dutelako. Dena libre eta haizu duten erraldoiek burututako triskantzez gain, herritarrek berek eragindakoak daude. Populazioa ari da handitzen herrialde txiroetan, egurra behar dute sutarako, zura eraikuntzarako, gosea zerekin asea ere bai. Leku epel eta hotzagoetako jendeok duela mende batzuk gureak suntsitu genituen bezala, orain bizi beharrak daramatza txiroak beren basoak eraistera. Blue Venture GKEa, kontserbazio eta birlandaketan saiatzen direnetako beste bat, Madagaskarren ari da. Sylvia Paulot eta Kate England ekintzaileek kontatu dute Tsiribihina  deltako Antanandahy herixkan aurkitu duten giroa: "Bizitza gogorra da 400 biztanleontzako. Bizirauteko ez daukate itsasoa, mangladia eta ibaia besterik, ez iturriko ur, ez azoka eta ez mediku. Gaizkileek atakatzen dituzte sarritan, eskuratu duten edo etxeetan jasota daukaten apurra ostuz". Ez dira mangleetatik oso ezberdin bizi, lokatzetan itota, edozein haize edo itsas kolperen beldur. Beldurrez, baina sakon errotuta".
news
argia-081ea6725cac
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/emantzipazioa-okupazioaz-harago.html
Emantzipazioa okupazioaz harago
Lander Arretxea
2016-01-03 00:00:00
Emantzipazioa okupazioaz harago 35.466 etxebizitza huts Nafarroan, haietako 13.199 Iruñerrian. 2013koak dira datuak, baina ez dirudi hori asko aldatu dela pentsatzeko motiborik badagoenik. Eta bitartean, milaka lagun etxebizitza bat izateko aukerarik gabe: gurasoen etxea utzi ezin duten gazteak batzuk, eta are egoera gordinagoan dauden beste batzuk; ordaindu ezin dutelako euren etxeetatik kaleratu dituztenak. Ez dira kontu berriak. Nafarroan ez ezik, Euskal Herri osoan errepikatzen den paradoxa da: etxerik gabeko jendea, eta jenderik gabeko etxeak. Iruñeko Txantrea auzoan ordea, inoren zain egon gabe arazoari heltzeko tresna berria garatu dute, kolektiboa, eta etxebizitza lortzeko bide bat baino gehiago biltzen dituena: Txantreako Emantzipazio Bulegoa. Auzoko gazteen artean egindako topaketa batean identifikatu zuten horren beharra, gazteen %73k independizatu nahi bai, baina horretarako aukerarik ez zuela adierazi baitzuen. Bertan erabaki zuten etxebizitza eskubidea bermatzeko euren kabuz antolatzea beste irtenbiderik ez zutela. "Administrazioak, eta are gutxiago enpresa pribatuek, ez gaituzte lagunduko eskubide hori garatzen, gure eskubideak murrizten diren heinean hazten baitira haien irabaziak. Gure ustez, etxebizitza eskubidea sendotzeko modurik egokiena arazoari erantzun kolektibo bat ematea da". Geroztik, etxebizitza faltari irtenbidea aurkitu nahi dionak Txantreako Auzotegi Kultur Etxera jo dezake astelehen arratsaldez, emantzipazio bulegoaren aholku eta laguntza jasotzeko.  Okupazioa eta alokairu prekarioa Proposatzen duten irtenbideetako bat, okupazioa da, eta horretarako aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskaintzen dute. Etxebizitzarena eskubidea den neurrian, batez ere bankuenak eta instituzioenak diren etxe hutsak okupatzea zilegi dela aldarrikatzen dute. Gero eta gehiago dira bide hori hautatu dutenak, eta auzotarren babesa ere badute, kaleak betetzen dituzten bandera arrosek erakusten duten moduan. Okupen asanblada bat ere badago jada egoera horretan daudenek bide hori hartu nahi dutenei lagun diezaieten. Beste alternatiba bat ere lantzen dute, adostasunetik abiatzen dena. Bigarren etxebizitza huts bat duten auzotarrekin negoziatzen dute, zerbitzuren baten truke, etxebizitza hori behar duenari utz diezaioten: etxea berritzea, seme-alabei klase partikularrak ematea… Helduena ere baden arazoa Txantreako Emantzipazio Bulegoa gazte mugimenduaren tresna da, baina oso ongi dakite etxebizitza duinaren falta ez dela soilik gazteen arazoa. Horrenbestez, gazte zein helduentzako bitartekoak eskaintzeko ahalegina egiten dute, eta horrez gain, harreman estua dute arazo beraren kontra borrokatzen ari den auzoko beste eragile batekin: Txantrea Zona Libre de Desahucios kolektiboarekin. "Finantza erakundeei eta etxegabetzeak baimentzen dituzten instituzioei presio egin eta babes soziala areagotzeko aritzen gara elkarlanean".
news
argia-386706737b3e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/haltza.html
Haltza
Jakoba Errekondo
2016-01-03 00:00:00
Haltza Erreka, ibai edo errio, bazterrean hazi da haltza, Alnus glutinosa . Erriberan uraren emanak ekarritako mausar, legar, hondar, errekarri eta harribili izan ditu sustraietan lagun. Jaio eta errotu zen, zainak haien artean sigi-sagan hazten ziren artean. Luza eta luza, lur harroan zuhaitzari eusteko. Uholde bakoitzean balantzaka ibiliz lurrari eusteko grina luzatuz... Azkenekoa iritsi zen arte. Hark bere onetik, bere lurretik atera zuen arte. Eta urak sustraia txikitu, eta eraman. Itsasoari hondarretan eman arte. Horra haltzarena zena, sigi-sagan hondarretan, gorri. Haltza beti gorri.
news
argia-d1c08f1c0222
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/ada-colau-bartzelonako-alkatea.html
"Eredu turistikoa eztabaidatzea, hiri eredua eztabaidatzea da"
Joan Mas
2016-01-03 00:00:00
"Eredu turistikoa eztabaidatzea, hiri eredua eztabaidatzea da" Bartzelonako lehendabiziko emakume alkatea da Ada Colau. Karguan bost hilabete igarota eta Barcelona en Comúk gutxiengoan gobernatuz −41etik 11 zinegotzirekin, CiUk baino bakar bat gehiagorekin−, gainontzeko udaleko indarrei akordiorako deia luzatzen die alkateak. Herritarrei "zelatan" egon daitezen eskatzen die. Hauteskundeen aurretik La Directak egindako elkarrizketa da honakoa. Indarrean dagoen udal mailako marko instituzionalak mugak al ditu Barcelona en Comú-k (BeC) hasiera batean planteatzen zituen eraldaketak aurrera eraman ahal izateko?  Nabaria da Udalgintzak gogoko eta desira ez ditugun mugak dituela. Udal administrazioa da zuzeneko zerbitzu gehienak ematen dituena: jendeak zerbitzu sozialak, etxebizitza, etab. eskatzen ditu. Bestalde –eta ez da kasualitate hutsa−, trantsizio ostean egin zen diseinuak udal burujabetza murrizten du erabat, administrazio guztiekin alderatuta baliabide urrienak ematen baitizkio.  Esku artean duzuenaren arabera, zein erreforma planteatzen duzue Udalaren gisako instituzio bat demokratikoagoa bihurtzeko?  Alde batetik, gogoko genukeena baino askozaz ere mugatuago gaude, baina bestalde, aukera handia dago, eta borondate politikoaren araberakoa da. Noraino iritsiko gara? Erantzuna ez dago gure esku, aitzitik –beste behin ere−, herritarren osotasunari itzuliko diogu galdera. Gu, oraintxe bertan, gutxiengoan gauden gobernua gara, 41 zinegotzitik hamaika. Egin ahal izango den hori gainontzeko  indarrekin itundutakoaren araberakoa izango da eta zentzu zabalean, hiriaren borondatearen araberakoa: inplikatuko diren mugimendu sozialen, erakundeen eta aktore ugarien araberakoa. Gauzak aldatu daitezen erantzukin partekatua behar-beharrezkoa da. Zer dela eta egin zenuen Jordi Martí zinegotzi ohia udaletxeko gerente hautatzeko apustua? Uste al duzu bere soldata −97.000 euro urteko− zuon kode etikora egokitu beharko litzatekeela?  Udal gerentearen figura, topatzen hain erreza ez den perfil teknikoa da. Egitura tekniko eta exekutiboaren arduradun nagusia da. 12.000 langile eta 2.500 milioi eurotik gorako aurrekontua ikuskatzen du. Guk hauteskundeak irabaztean, aurrez bururatu ez zitzaigun goi-kargu mordoxka izendatu behar izan genituen. Guk ez genuen sekula aurrez gobernatu, hori gertaera jakina da. Konfiantza politiko handia dudan jendearengana aholku eske joan nintzen, eta Jordi Martí gomendatu zidaten. Proposamena egin genion eta aurrez udal gerente gisa kobratzen zuen soldata murriztea onartu zuen. Berak sinatzen ditu milioika euroko kostea duten erabakiak. Lehen hilabete hauetan ongi doa; egia esateko, pozik nago. Horren guztiaren harira, zuzendarien gutxiengo eta gehiengo soldaten inguruko hausnarketa kolektiboa egin beharra dugu.  BeCen hauteskunde kanpainako promesetako bat Polizia Administratibo eta Segurtasuneko Unitatea (UPAS, egun USP dena) desegitea izan zen. Zergatik ez duzue oraindik Udaltzainen baitako istiluen aurkako unitate hori desegin?  Udaletxera iritsi bezain pronto Udaltzaingoari istiluen aurkako funtzioak egiteari utz ziezaion agindu genion. Ordena publikoa ez da udal eskuduntza, Eskuadra Mossoena baizik. Bestelako eztabaida da ordea, Udaltzaingoak izan beharko lukeen eredua.  Saltzaile ibiltarien gaian sortu diren arazoei irtenbiderik ematen al diete polizia operazioek? Eskubide sozialen ikuspegitik lantalde bat eratu dugu, zuzen-zuzenean kolektiboarekin harremanetan egon dadin eta baita inplikatuta dauden beste aktoreekin ere, epe motz eta luzean irtenbideak bilatu ahal izateko. Bitartean, Udaltzaingoak bere zereginarekin jarraitu behar du, espazio publikoaren kudeaketarekin. Uste dugu, saltzaile ibiltariari eraso egin beharrean, merkantziarekin zer gertatzen den begiratu beharra dagoela eta argitu nork faltsutzen dituen eta nor aberasten den bere salmentarekin. Eragina duten administrazio ezberdinekin ere kolaborazio handiagoa eskatu dugu, arazoaren erroetara jotzeko, eta ahulenak jazarriak izan daitezen saihesteko, hain zuzen ere, saltzaile ibiltariak. Ordenantzaren berrikuspena egiteko konpromisoa duzue, baina orain artean, ez da inolako aldaketarik egin. Horren inguruan neurririk hartu al da?  Elkarbizitzaren itun berri baten alde lan egin behar da, hiritartasun ordenantzaren markoa gainditzeko. Gainditua dago gaur egun, eta zigorrean zentratzen ez den planteamendua egin beharra dago. Iritzi hori ez da gurea soilik, bidegabekerien sindikatuek ere antzera pentsatzen dute. Barne mailako zeharkako lantaldea sortu dugu eremu ezberdinetan informazioa jasotzeko. Gerora, gainontzeko udal taldeekin lan egin beharko dugu, auzo-elkarteekin, merkatariekin eta bidegabekerien sindikatuekin elkarbizitzako itun berri bat adosteko.  Eragin latzena duen auzoetan ohe kopurua murrizteko turismo jasangarriaren alde al zaudete? Zein neurri duzue esku artean?  Bartzelona lako hiri handi batean elkarren aurka doazen interesak daude, eta baita presio turistikoagatik izugarrizko eragina duten auzoak ere. Badira [turismoari] pisua kentzeko gutxiegi egiten ari garela uste dutenak, eta bestalde badira enpresari eta merkatari sektore zabalak, gehiegi egiten ari garela irizten dutenak. Beti ados egon izan gara presio turistikoak eragin latzena izan duen auzoetako bizilagunekin. Kanpainan zehar, alokairu turistikoetako lizentzia berrien gabetzea aplikatzera konprometitu ginen, gutako asko turismoak eragindako auzoetatik gatoz eta oso ondo ezagutzen ditugu arazoak, gentrifikazio prozesuak eta horrek dakarren higiezinen espekulazioa. Turismoaren arloan ere ez da lidergo politikorik egon: aurreko gobernuak sektoreko enpresek garapen kaotikoa izan zezaten permititu zuen.  Horren aurrean, gure lehentasuna sektore turistikoa gobernatzea da, orain artean inolako kontrol demokratikorik ez zuena. Lehendabizi, alokairu turistikoetako lizentzia berriak gabetu genituen tenporalki. Turismoko Udal Kontseilua ere sortu genuen, herritarren arteko eztabaidarako espazio demokratikoa. Abenduan, bere arautegia onartuko da osoko bilkuran. Helburua egungo egoeraren erradiografia egitea da: elementu aunitz falta dira, Bartzelona hazi litekeen edota turismo arloan deshazi beharko lukeen erabakitzeko. Afera hauek demokratikoki planteatu behar dira, guztiak entzunez eta denei ahotsa emanez. Interes partikularrak eta negozioak egotea normala da, baina ezer baino lehen, espazio publikorako, etxebizitzarako edota deskantsurako eskubidea gisako interes orokorrak daude. Eredu turistikoa eztabaidatzea, hiri eredua eztabaidatzea da. Egun, turismo eredua hiri ereduarentzat mehatxua da, ez baita jasangarria. Burbuila turistikoko indizioak daude eta ekintza turistikoa hiritar guztien mesederako izan dadin antolatu beharra dago.  Pasa den irailaren 22an Udalak Bartzelona Aterperako Hiri izateko neurria onartu zuen, eta 2015. urtean 10,5 milioi euro zegozkion errefuxiatuen krisiari aurre egiteko. Aurtengo aurrekontua ahituko al duzue?  Bartzelonak harrera hiri izan nahi du. Uste dugu errefuxiatuen krisiari aurre egitea edozein administrazio publikorentzat betebehar moral eta politikoa dela. Etorkinen, emigranteen eta Errefuxiatuen Arretarako Zerbitzuaren bitartez (SAIER) Udalak dagoeneko harrerarako politika oso aurreratua du, afera sozialetarako zerbitzu tekniko oso onekin. Pertsona errefuxiatuen etorrerara aurreratuz, harrerarako plan batean lan egin dugu zerbitzuak hobetzeko eta egoera larriak sufritzen dituzten pertsonei arreta emateko. Gainera, Bartzelonan badira Ukrainia, Siria, Irak edota Eritreako jatorria duten eta asiloa eskatu duten pertsonak, baina Estatuak ez ditu aitortzen. Nahiz eta errefuxiatuen estatus juridikorik ez izan, jende horri udal zerbitzu guztiak eskaintzen ari gara.
news
argia-1afda2e0488b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/4000-hildako-europara-bidean.html
4.000 hildako Europara bidean
Mikel Garcia Idiakez
2016-01-03 00:00:00
4.000 hildako Europara bidean 2015eko drama handietakoa izan denaren datuak ezagutarazi ditu berriki Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak. Joan berri den urtean, milioi bat lagun baino gehiago iritsi dira Europara, gatazkatik eta miseriatik ihesi; horietatik, 4.000 inguru bidean hil direla kalkulatzen du Erakundeak. Mediterraneoa gurutzatzea lortu duten bi pertsonatik bat siriarra da. 2011ko martxoan Sirian hasitako gerrak milioi laurden herritar akabatu du eta biztanleriaren kasik erdia alde egitera behartu. Siriarren atzetik, afganiarrak eta irakiarrak dira migratu duten gehienak. Jendea hiltzera ez kondenatzeko eta egoera modu ahalik eta duinenean bideratzeko, migrazioa legeztatzea eskatu du Erakundeak, jatorritik bidaia segurua bermatuz eta ateak itxi ordez sarbidea erraztuz, Europan barna migratzaileak lasai mugi daitezen, mugetan pilatu ordez. Europako herrialdeek, baina, ez dute errealitatea gestionatzen jakin, eta tirabira ugariren ondoren 160.000 errefuxiatu Europar Batasuneko herrialdeetan birkokatzea adostu duten arren –zifra oso eskasa, dagoeneko milioi bat lagun iritsi direla kontuan hartuz–, oso-oso gutxi dira plan horren bitartez oraingoz birkokatu dituztenak. Negu gorriaren atarian, egoerak ez du itxura onik.
news
argia-6cb2790bb1e4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/gozoak-eta-gorriak.html
Gozoak eta gorriak
Jakoba Errekondo
2016-01-03 00:00:00
Gozoak eta gorriak Uda eta negua omen ditugu urteko sasoi bakarrak. Berritzen denetik azkenera iristen den arteko uda luzea, eta negua. Garai batean, agian, sasoiak lau izan behar zutela esango zuen norbaitek –ilargiarekin gertatutakoaren antzeratsu?– eta uda-negua zena udaberri-uda-udazken-negu bihurtuko zen. Txakurra nagusiari estekatzen den bezala, adimena hizkuntzaren erraztasunari kateatzea hariketa polita da. Neronek ere gustuko dut. Sasoien gai honekin, ordea, nire iritzia ez da hain arina. Gure garaira egokitzeko hariketa egin behar, agian... Luzerako emango lukeen gaia da, baina, nire ustez, gaur egun bi aro ditugu: gozoa eta gorria. Udaberri gozoa, uda gorria, udazken gozoa, negu gorria... Hau da, gozo-gorri-gozo-gorri-gozo-gorri... bizi ditugu. Lehen uda izango zen gorria eta negua beltza. Gorriak ikusteko udan eta beltzak neguan. Egun, beltza gorrira moteldua dugu.  Gozoetan, gozo hezea eta gozo lehorra ditugu. Gozokietan bezala, alegia: bizkotxo lehorrak eta mozkortuak edo bustiak. Gozo hezea da udaberria, lehorra, berriz, udazkena. Alde horretatik tropikala da geure ingurune atlantikoa; sasoi lehorra eta euriteen sasoia besterik ez dituzte tropikoetan.  Eta zer datorkigu? Behin eta berriz zirri eginagatik etxekoa ez denaren tratua ematen diogun klima aldaketa dela medio, zer datorkigu? Hipotesiak zientzialarientzat utzita, hona nire bi uste: Karibeko Golkoko itsaslasterra moteltzearen eraginez negua erabat belztuko da, edo uda belztuko da. Bietako edozeinetan, sasoitegi berria proposatzen dut: egungo gozo lehorrari neguberria, negua, neguazkena gozo hezeari eta uda.
news
argia-d9aadbaeda83
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/bake-prozesua-eman-beste-aukera-bat.html
Bake prozesua: eman beste aukera bat
Xabier Letona
2016-01-03 00:00:00
Bake prozesua: eman beste aukera bat Lau urte pasatu dira ETAk jarduera armatua utzi zuenetik eta aukera itzela utzi da galtzen gatazkari irtenbide egoki eta justua emateko; egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikapenean oinarritutako irtenbide bat eraikitzeko. Ez da halakorik nahi izan, Estatuak irabazle eta galtzaileen eskema inposatu dio euskal gizarteari. Espainiako Gobernuak ez du nahi izan; EAJk eta Eusko Jaurlaritzak ez dute horren aurka egin; ezker abertzaleak bakarrik ezin du; eta gizarte zibilean ez dago indarrik instituzio eta alderdiak norabide horretara bultzatzeko. 2011n pentsa zitekeen ETAren armak edo bere etorkizuna oso garrantzitsuak izan zitezkeela bake prozesu bat abiarazteko. Beti izan da hala irtenbide duinak bilatu diren munduko gatazketan. Eta hau, bat gehiago da, bere ezaugarri eta indar harremanekin, baina bat gehiago. Lau urte hauek erakutsi dute armak eta bestelakoak aitzakiak direla. Gaur egun ETA ez da ezer, sinbolo handi bat ez bada, bai bere etsaientzat bai bere aterpean direnentzat. Egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikapena. Laukote ederra, baina egungo eskeman garatu ezinak. Egia. Lekutan da. Egiazko prozesu eraikitzaile bat bultzatu izan balitz, gertatutakoaz askoz gehiago jakingo genuke –behin ere ez da dena jakiten, inongo gatazketan– ETAk eta Estatuak egindakoez. Justizia. ETAren jarduera armatua gogotik zigortu da, Estatuaren errepresioa zigorgabetasun judizial eta politikoan da, izan legez kanpokoa –GAL, tortura…– edo legezkoa (heriotz ugari, Egin eta Egunkariaren itxierak, auziperatze masiboak…); mendekuaren justiziatik baino, justizia konpontzailetik tiratu izan balitz, gaur egun preso gutxi leudeke espetxeetan –eta akaso bat bera ere–, izan etakide, torturatzaile edo GALaren X; eta justizia orekatuagoa zatekeen. Erreparazioa. Garrantzitsuena, hildakoak, errepara ezina da. Dirua ongi da, baina aitortza da garrantzitsuena. ETAk asko aitortu du beretik, Estatuak ezer gutxi. Eta hala ere, ekimen interesgarriak ari dira bideratzen, bai biktimek haien artean, bai hainbar elkarteetatik eta baita Eusko Jaurlaritzatik ere. Komeniko litzateke gizarteko esparru askoz gehiagotan erreparazioaz hitz egitea, sakon eta era guztietako biktimei begira. Gutxi egin da, eta batez ere ETAren biktimen erreparazioaz hitz egin da. Ez-errepikapena. Ez dira jartzen ari egiazko oinarri sendoak gertatu dena berriz pasa ez dadin. Aurretik aipatu diren faktoreez luze eta zabal hitz egin behar da, memoriaz, autokritikaz… baina hori guztia bi baldintzetan oinarritu behar da: zintzotasunean eta askatasunean. Ez da horietako bat bera ere bultzatzen. Autokritika eskatzen zaio ezker abertzaleari, baina esaten zaio zer esan behar duen, hau da, ETAk erabilitako biolentzia injustua izan zela eta ez zuela ezertarako balio izan. Eta ezker abertzalearen sektore zabalek ez dute hori sinesten, ez partekatzen, eta gainera ez dute askatasunik pentsatzen dutena esateko, espetxe edo zigor arriskua jasan gabe. Ez da eraginkorra. Biolentzia hor egon da beti, hor dago eta egongo da, bai boterean eta baita hari erantzunez ere. Humanitatearen historian erabat txertatua dagoen fenomenoa da, jendarteari eta pertsonari erabat atxikia. Edozein esparrutan ahalik eta agerpen txikiena izan dezala, hor dago koska. Gatazkaren aktore guztien arteko elkarrizketa libre eta sakona da ez-errepikapenaren bermerik egokiena. Oraingo ereduak arazoak ezkutatu egiten ditu, ez bideratu. ETA –eta ezker abertzalea– zokoratzeak eta egiazko bake prozesurik ez bultzatzeak ez du inondik inora elikatzen ez-errepikapena, guztiz kontrakoa baizik. Hitz egin dadila argi eta ozen, eta atera ditzala bere ondorioak euskal gizarteak. PPren mendeku ereduarekin, arazo politikoen irtenbide politikoak ukatuz, edo errepresio soilarekin... lehenago edo geroago historia errepikatzeko aukerak badira. Hori diosku historiak: bakoitzak bere izaera desberdina du, baina hor dira karlistadak, 36ko gerra, ETAren mende erdia... Madril klabea da, baina Gasteiz ere bai. Egoera berriak eman dezake aukerarik Madrilen, bada ordua lema norabidez aldatu eta gizartea benetan aktibatzeko egiazko bake prozesu baten alde.
news
argia-64a2b27dbcdc
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/ate-birakarietako-giltzak.html
Ate birakarietako giltzak
Bixente Serrano Izko
2016-01-03 00:00:00
Ate birakarietako giltzak Duda handiak nireak, beti, ene ikerketetan: handiagoak nahiko nituzke oraingoan, hauteskundeen biharamunean. Izan ere, egoeraren ikerketak baikorrak direnean, hobe deritzot, badaezpada ere, guztiz ez sinesteari haiekin. Baina ezkorrak direnean, nahiago izanen nuke haiekin batere ez sinetsi. Hedabideen ezinbertzeko bazka dira urgentziazko analisiak, berauen eskaera batzuei edo bertzeei luzatuz. Baina zer lortuko ote? Urgentziazko analisiak ala larrialdietakoak? Pentsa: direnak direlakoak emaitzak, denenak guztira zein lehiakide bakoitzarenak, onak zein txarrak, azalpenak eman behar berehala; hots, urgentziazko analisiak eman behar; eta batzuen analisiek, beti, larrialdietako analisiak dirudite, ebakidura-edo zirt edo zart egin ondoren, matxuraren diagnostikoa uste bezain ezkorra ez izateko ahaleginka, Zainketa Intentsiboko Unitatean ez sartzeko modukoa behintzat. Bi digresio orain arte, gaiari heldu aurretik. Aski esanguratsuak, nik uste, biak, digresio izanik ere. Baina hirugarren bat botako dut: hiltzaile omen da tabakoa erretzea (bizitza delarik, ordea, hilkortasunaren baldintzarik ezinbertzekoena); ba, hemen nauzue erretzeari emanda, oraintxe burura datorkidan ideia bakoitza nola edo hala biribildu eta hurrengoarekin logika sentiberegiarekin ez lotzeko ahaleginetan, kezko eraztunak gora bota eta bota. Tabakoarena, hauteskundeen kontuak bezala gehien-gehienetan, hil ala biziko kontua ez delakoan. Hainbertze dira ene neuronen itsasoan sartzen diren giltzak, dagozkigun eremuetako ateetakoak, non haur-abestia dabilkidan buruan urpekari: "Non daude giltzak?". Lehorreko lurralde dugu Nafarroa: eskuina, bagenekien, Monterrosoren dinosauroaren parekoa da; lau koalizioetako gobernuaren alde apustularietako batek, autogobernu eta euskaltzaletasun arloetan ezezagun handiena duguna izan arren, jauzi handia egin du aurrera, bertze hiru kideen boto-emaileak dezente xurgatuz; gaurko nafar gobernuaren uhalen gidariak, bertze bi bidaideek bezala, behera jo du, Senatuko ordezko bat lorturik dena dela, Aldaketaren aldeko guztiak lagun... Urpekari trebeak beharko ditugu giltzen bila, are trebeagoak geure urak lurpekoak direnez. EAEn, Iglesias irabazle, ezker abertzale ofizialaren kontura hein handi batean: abertzale erradikal asko, antza, abertzale bainoago erradikalak ditugu, Estatu eremuko indarren arraste arrain-sarda, nolako itsaslasterrak dabiltzan. Estatu eremuan, bigarren itzuliaren irrikan Iglesias, baina itsasalde itzel luzeak ditu penintsulak, urpekariak giltzen bila luzaro entretenitzeko modukoak: areago, ate birakarien jabeek nekez botako dituzte giltzak itsasora.
news
argia-517748061e8b
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/hazien-pribatizazioa.html
Gaurko negozioa, biharko eskasia
Asier Arrate Iruskieta
2016-01-03 00:00:00
Gaurko negozioa, biharko eskasia Ekialde Hurbilean nekazaritza sortu zenetik, laborariek, haziak landatzeaz gain, gorde eta trukatu egin dituzte. Kontrol horrek espezieen heterogeneotasuna eta elikadura subiranotasuna mantentzea ahalbidetu du. Baina XX. mendean nekazaritza industrialak kolokan jarri du milaka urteko prozesua. Haziak enpresa gutxi batzuen esku geratu dira, eta horiek helburu ekonomikoak paratu dituzte beste guztiaren gainetik. Hazi gutxi dago orain, gutxi batzuen esku. XX. mendeko nekazaritzaren modernizazio prozesuak, Iraultza Berdeak, hainbat aldaketa ekarri zuen: industria neurriko nekazaritza ekoizpena, teknologia berriak, ikerketa genetikoa… Sustrai ekonomiko eta teknikoak ditu, eta jatorria XVIII. mendean badu ere –lehen hazien enpresa, Vilmorin frantsesa, 1743an sortu zen–, benetako haustura XX. mendearen erdialdean gertatu zen. Bigarren Mundu Gerrako garraio-industria traktore eta makineriara pasatu zen, eta arma kimikoena abonu eta herbizidetara. XX. mendera arte hazien enpresak familia enpresa txikiak ziren. 80ko hamarkadan sortu ziren gaur egun munduko nekazaritza kontrolatzen duten transnazionalak. Transnazional horiek industria kimikotik datoz, eta hazi enpresa txikiak bereganatu dituzte, azken urteotan ongarri kimikoen ekoizpen eta salmentari haziena gehituz. Horrela "pakete teknologiko" osoa kontrolatzen dute: haziak, teknologia, makinaria eta produktu kimikoak. Enpresa handiek bi bide dituzte urtero euren hazien salmenta ziurtatzeko: erregistroak eta patenteak Europan, eta transgenikoak Hegoalde globaleko herrialdeetan. Marc Badal Nafarroako Hazien Sareko kideak argi utzi duenez: "Hazia produktua eta produzitzeko bidea da aldi berean, eta hori arazoa da industriarentzat". Transgenikoen kasuan erraza da salmenta ziurtatzea ingeniaritza genetikoaren produktuak direlako, eta beraz, patentea dutelako. Ondorioz, nekazariek ezin dituzte haziak gorde hurrengo urtean berriz landatzeko. Europan, ostera, transgenikoak historikoki gaizki ikusita egon dira, eta araudi ugari daude haien merkaturatzea debekatzeko –oraingoz Monsantoren MON810 artoa da komertzialki ekoitzi ahal den bakarra–. Beraz, nekazariek urtero haziak erosteko bidea hazi arrunten patenteak eta erregistroak dira. Patenteen legedia eta hazien erregistroa Europako legedi bat ezartzeko saiakerak porrot egin ostean, gaur egun hazien inguruko araudia estatuen menpe dago. Hazi bat merkaturatu ahal izateko erregistratuta egon behar da. Erregistroan egoteko, baina, hazi aldaerak egonkorra, homogeneoa eta beste hazien desberdina izan behar du. Ezaugarri horiek direla eta, erregistroek ez dute tokiko aldaerarik onartzen. Bai, ordea, agroindustriaren hazi homogeneoak. Industria-ekoizpena duten nekazari profesionalek hazi erregistratuak erabili behar dituzte euren produktuak merkaturatu nahi badituzte. Aldaera lokalak, beraz, ekoizpen txikietara mugatzen dira, baina nekazari "txikiek" ere askotan hazi erregistratuak hobesten dituzte bi arrazoirengatik. Erregistratutako aldaerak, sor-markekin gertatzen den bezala, merkaturatzeko errazagoak dira, eta askotan nekazariek ez dituzte aldaera lokalak ezagutzen. Eta ez erabiltzearen poderioz, galduz joaten dira.  María Carrascosa Andaluziako Hazien Sareko kideak kritikatu du erregistroek homogeneotasuna bultzatzen dutela, eta hazien truke eta salmenta defendatzeko politikarik ez dagoela: "Espainiako Estatuan 30/6 hazien eta mintegiko landareen legea dago, nekazariei euren haziak trukatzen eta landatzen lagundu diezaiekeena, baina lege hori garatu gabe dago oraindik, eta gaur egungo araudiek ez dituzte tokiko aldaerak bultzatzen". Politika horren atzean agroindustriaren presio ahalmena dagoela argi du Carrascosak: "Nekazarien burujabetza ez da errentagarria sektoreko enpresa handientzat. Menpeko nekazaritza ereduak behar dituzte, eta gobernuek, euren politika publikoen bitartez, elikadura burujabetzatik urrun dauden ereduak bultzatzen dituzte". Transgenikoen gorakada Hegoalde globalean Europan nekazaritza ereduaren trantsizioa mendetako kontua izan bada, Hegoaldean aldaketa "azkarra eta bortitza" izaten ari da Marc Badalen esanetan, Hego Amerikan batez ere. Fruta eta barazki aldaera ugari zeuden eremuetan soja eta arto ekoizpen erraldoiak aurki daitezke gaur egun. Paraguai da eredu argiena: nekazaritzako lurren %80an soja transgenikoa lantzen dute, eta munduko laugarren ekoizlea da. Agroindustriak bertako nekazariak "derrigortu" egiten ditu soja landatzera, animalientzako pentsuak ekoizteko helburuz. Berdin gertatzen da artoarekin, palmondoekin eta antzeko monolaboreekin. "Agroindustriak munduari jaten emateko helburua duela aldarrikatzen du, baina benetako helburua Mendebaldearen eskaria asetzeko lehengaiak ekoiztea da", salatu du Badalek. Egoera ekonomikoak ere laborariek transgenikoen alde egitea dakar. Badalen esanetan, eredu industrialak eta transgenikoek gastuak murriztea ahalbidetzen diete nekazariei. Adibide bat jarri du: "Belar txarrak kentzeko jendea kontratatu beharrean herbizidei erresistentea den transgeniko bat landatu, eta traktore bakarrarekin tonaka ongarri kimiko bota ahal duzu pare bat orduan". Transgenikoen hainbat moldaketa genetiko "bideragarritasun ekonomikoa" lortzeko egindako moldaketa genetikoak dira: landare guztiak batera heltzea, soloetan dentsitate handiagoarekin landatu ahal izatea, fruituaz gain beste gain-produktu bat kopuru handiagoan sortzea edo enpresak berak ekoizten dituen ongarri kimikoei erresistente bihurtzea landarea, nekazariei "pakete teknologiko" osoa saltzeko. Elikadura-segurtasuna kolokan Bai Hegoaldean transgenikoak sustatzeak, bai Europan hazien erregistroa ezartzeak, ondorio bera dute: hazi aldaera gutxiago izatea eskuragai. FAOren arabera, XX. mendean tokiko aldaeren %75 galdu da. Horrek oso ondorio larriak izan ditzake aurreikusi ezin daitekeen lehorte, tenperatura aldaketa, izurrite edo bestelako gorabeheraren bat gertatuz gero. Landare guztiek erantzun berbera izango lukete, eta uzta txarrak bata bestearen atzetik kateatuko balira mundu mailako ekoizpen ia guztia eteteko arriskua legoke. Munduan biodibertsitatea egon badagoela uste du Badalek, baina galera prozesua oso azkarra da transgenikoen zabalkundearen ondorioz. Horren aurrean, gobernu eta erakunde ugarik hainbat proiektu jarri dituzte martxan heterogeneotasuna gordetzeko. Ezagunena Svalbardeko (Norvegia) hazien biltegia da. Artikoan eraiki duten biltegi erraldoian 840.000 espezietako haziak daude, eta horietako bakoitzeko 500 ale. Badalen esanetan proiektu "interesgarriak" dira heterogeneotasuna mantentzeko, baina heterogenotasuna sortzeko haziak "erabili" egin behar dira. Bi kontserbazio mota bereizten ditu Badalek, ex situ (laborategiak eta biltegiak) eta in situ (nekazaritza). "Soloetan kontserbatu behar dira haziak, modu horretan bakarrik hobetu eta moldatuko baitira". Lan hori gaur egun hazien sare herritarrek daramate aurrera. 90eko hamarkadan hasi ziren hazien sareak lanean. Euskal Herrikoa 1996an sortu zen, eta une honetan 200 bazkide inguru ditu. Joseba Ibargurengoitia kideak azaldu duenez, esparru askotan egiten dute lan: "Ezagupenak lortu aldaera horien inguruan, material biologikoa eskuratu, prospekzio eta ikerketak egin, materiala sailkatu eta kontserbatu". Zabalkuntza eta dibulgazioa ere egiten dituzte: tailerrak eta hitzaldiak sindikatuekin, nekazariekin, udalerriekin… "Entzuleak harritu egiten dira arazoaren berri ematen diegunean, eta egoeraren larritasunaz ohartzen direnean laguntza handia ematen digute". Azken urteetan bultzada handia izan dutela dio, eta igo egin dela bazkide kopurua. Ez da lan erraza, ordea, tokiko aldaeraren haziak bildu eta gordetzea, prozesua ezberdina baita. Barazki edo fruitua heltzen denean, uztaren parte bat ez da batu behar, haziari denbora eman behar zaiolako jaso aurretik. Nekazari profesional batentzat denbora eta diru kostu izugarria dakar horrek, aipatutako uzta zati hori galdu egiten delako. Gainera, espeziearen kopuru handiak landatu behar dira polinizazioa ziurtatzeko. Hori dela eta, María Carrascosari zaila iruditzen zaio nekazariek tokiko aldaeren alde egitea: "Ekoizle profesionalei ezin zaie eskatu hainbeste arriskatzea". Kontsumitzailea kontzientziaraztea omen gako. "Prest egon behar dugu gehiago ordaintzeko produktuen truke, bestela nekazariak, ekologiko edo ez, ez du tokiko aldaeren alde egingo", gaineratu du Badalek. Ibargurengoitiak uste du oraindik aukera dagoela egoerari buelta emateko, beti ere hazi sareen proiektuek aurrera egiten badute. Nekazaritza ekologikoarekin egin den bezala, hurrengo pausoa tokiko aldaeren garrantzia ezagutzera ematea da.
news
argia-1c85a565f30f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/gutxiengo-hautatuarentzat-etiketapean-ibili-naiz-baina-mentalitatea-aldatzen-hasi-beharrean-nago.html
"�Gutxiengo hautatuarentzat� etiketapean ibili naiz, baina mentalitatea aldatzen hasi beharrean nago"
Miel Anjel Elustondo
2016-01-03 00:00:00
"�Gutxiengo hautatuarentzat� etiketapean ibili naiz, baina mentalitatea aldatzen hasi beharrean nago" Auditorioa ohi da, argiak itzal, isiltasuna, kantariaren ahotsa, pianoa inoiz. Ahotsa eta hatz kriskitinak Bernardo Atxagaren hitzen gainean hegan. Paradisurako jaioak gara / hala nola txoriak airerako; / paradisuaz behera ez dugu / ezer ere nahi, ezer ere ez. Zoragarria da emaitza, bizian ezin ahantzizkoa. Irungo Moskun zitatu gara. Irunen beti Mosku. Zer du plaza honek? Moskurekiko miresmen handirik ez dut. Hala ere, uste nuen erreforma politiko garaiko lekua zela Mosku, bertan biltzen ginen orduan ezkerreko jendea, baina ez, historialariari esker jakin dut hori baino zaharragoa duela historia Moskuk. Are zaharragoa da Urdanibia izena, baina, bitxikeria, gure amona Joxepak ez Mosku, ez Urdanibia, "Alameda" zuen leku honen izena. Ez naiz hemendik aparte bizi, leku atsegina da Mosku, baina idealizatu gabe. Ezer idealizatzerik bada, gaur egun? Eguneroko jarduna dut nik idealizatua, eguneroko lana, urtea joan eta urtea etorri nork bere ahaleginari eusteko desioa. Eta ez naiz, bakarrik, neure buruaz ari, oro har jardun nahiko nuke. Garai zailenetan ere hartutako bidean segitzea, modurik duinenean aritzea, norberak duen onena emanez saiatzea. Mirestekoa da. Horretan sinesten dut. Horixe erakusten du zure bideak, leial izan zatzaizkiola zeure buruari. Goiti-beheitiak ere izango ziren, bada, bide luze horretan. Krisialdiak izaten dira, bai. Oraindik orain, horixe esan diot neure buruari: "Jabier, diskoa egin duzu, hau da, inbertsioa. Kontzertuak egiten ari zara: zazpi eginak, oraindik batere ez kobratua, eta bitartean, denei ordaindu behar izan diezu zuk: musikariak, teknikariak, ekipoa…". Hala ere, aurrera egiteko ilusioa gailentzen da. Begira, azkenaldian, lagunartean, igual, eta topa egiten hasi eta "Osasuna!" hasten da jendea. Nik, osasunarekin batera, "… eta gogoa!" esaten dut. Ilusioa, alegia. Denbora asko ez dela horixe galdetu zidan kazetari beterano batek: "Halako bidea duzu egina, Jabier: zerk pizten dizu aurrera egiteko ilusioa?". Eta erantzuna? "Hurrena datorrena nire diskorik onena izatea!". Eta benetan ari nintzen. Eta konbentzituta nago egin dudan azkena [ Tonetti anaiak ] onena ez bada onenetakoa izango dela. Horixe da ilusioa. Gure lanbidean jende asko ikusten dut zuloan sartuta, depresioak jota. Horregatik ematen diot inportantzia ilusioa eusteari. Ezinbestekoa da. Jakina, ni ez naiz nor inori leziorik emateko. Garai zailak bizi ditugu musikariok. Eustea bera irabaztea dela diote. Bai, gure lanbidean bai. Garbi. Bideo interesgarri bat bada sarean, katalanek zuri egindako elkarrizketarena. Sariak aipatzen dira, besteak beste, eta diozu ibilbidea duzula saririk handiena. Horretan nago ni. Ibaiaren ibilbidean badira zatiak, badira iturburu, adar eta meandroak… Non da zure iturburua? Bost urteko hura dugu iturburu, menturaz, Europako akordeoi txapelketa Holandan irabazi zuena? Bost urteko hura bada, bai, iturburua, baina hura bezain iturburu duzu zortzi-bederatzi urteko Jabier hura, Agoitzen neskato bati kantua egin ziona, hitzak eta musika. Oso kantu txarra –nahitaez txarra!–, gaztelaniaz egina, artean euskaraz ez bainekien. Hortaz, haurtzaroan abiatzen da nire historia. Ondoren, rockero eta kantautoreekin egindako kolaborazioak daude. Bi mundu arrunt diferenteak, nahi baduzu, baina nik neure barruan lotu egiten nituenak. Askoren musika laguntzaile izan nintzen, baina horretaz aparte, gogoeta ere izaten zen haien ondoan; kantautoreekin, batik bat. Imanol, Xabier Lete, Mikel Laboa… haien ondoan radarra jasota egoten nintzen, eta uste dut asko ikasi nuela beraiengandik. Rockero eta kantautoreak gorabehera, zuen etxean bazen musika girorik. Bai, haurtzaroan gurasoen bidez jaso nituen lehenengo erreferentziak. Horra musettea. Asko entzuten zen gure etxean. Ikaragarri gustatzen zitzaien akordeoia gurasoei. Baita hemengo trikitia ere. Gurean ez zen musettea bakarrik. Jakina, nerabezaroan besterik izan zen, hiru anaiok bata erosi eta bestea lagunekin konpartitu hasi ginenean. Beste garai bat zen, beste giro bat zen gure artean ere: batak deskubritzen zuena besteari jakinarazten zion. Horrela aberastu ginen. Nire bi anaiok niri ematen didate meritua, neuk ekartzen nituela diskoak diote, baina ez da bakarrik nik egiten nuen gauza. Denok egiten genuen. Les Mecaniciensen ezagutu zintugun askok. Asmakizuna kantu beti gogoangarri hura. Baina Les Mecaniciens baino lehen, Ja, ja diskoa aipatu beharko genuke, haur eta gaztetxo artean arrakasta handia izan zuena. Les Mecaniciens, berriz, Ja, ja gisa bat zen, helduentzat. Baina ez zuen arrakastarik izan. Lehen diskoa egin, eta hainbestean. Bigarrena, eta berdin. Hirugarrena, eta antzeko. Ez zegoen aurrera egiterik. Horrekin batera, beste faktore bat, neure jarrera izan zen: "Jabier, hasi kantari, hasi heure modura gauzak esaten, bestelako koplarik gabe". Bide pertsonalari ekin zenion, zure lanaren ezaugarri den horrixe: bide pertsonala. "Ahots propioa" diote literaturan, eta obsesioa nuen nik ahots propioa. Hor, bestalde, hizkuntza dator. Diote gure hizkuntza ez dela traba ez handicapa , baina nik bestela uste dut, batzuetan traba dela, nahiz eta abantailak ere badituen: ahots pertsonala eskaintzeko garaian, euskaraz aritzeak asko laguntzen du. Esateko modua asko landu dut harrezkero. Eboluzioa izan da, dudarik gabe. Oraindik orain Gasteizen izan naiz, Filologia ikasleei hitzaldia egiten. Lehen diskoko kantu batekin batera, azkeneko honetakoa jarri nien entzungai. Oso jende argia zegoen tartean, eta berehalakoan antzeman zioten bilakaerari: lantze pertsonala, irakurketak, musika ezberdinak entzutea, jazza, musikari jakinak… Bilakaera horri haize eman zioten Katalunian. Loteria tokatu zitzaidan Katalunian, eta ez naiz diruaz ari. Uste dut horrela adierazi ezinik ez dagoela, gertatu zaidana ez baita normala. Errekonozimendu handia dut han. Iaz, esaterako, Barnasants jaialdiaren barruan egindako kontzertu onenaren saria eman zidaten. Hori nekez irudika nezake hemen. Gauza asko gertatu zaizkit Katalunian. Kataluniak eman didana aletzen hasiko banintz ez nuke inoiz bukatuko. Inor ez da profeta bere herrian. Bernardo Atxagaren Xolak esaten du inor ez dela kroketa bere herrian… Hemen gehiago kostatu zitzaidan entzulearekin konektatzea. Katalunian, aldiz, berehalakoa izan zen erantzuna. Klub txikietan hasi nintzen –Harlem, La Cova del Drac…–, baina segituan zabaldu zen hotsa, Katalunia osora. Hemen gehixeago kostatu zitzaidan. Lehen diskoak egin eta, arao eta birao!, erantzun handirik ez! Kataluniak eman dizuna aletzen hasiko bazina ez zenukeela atertuko esan duzu. Liverpool ez zizun Kataluniak eman. Ez, hura beste bidetik etorri zen. Besteak beste Paul McCartneyk fundatutako musika eskolako zuzendari Arthur Bernsteinek ezagutu ninduen, eta bertara eramateko interesa agertu zuen. Dudak zituen hizkuntzaren inguruan, han koristak oso inportanteak baitira, eta haiek euskararekin nola moldatuko ziren zalantzak baitzituen Bernsteinek. Horrela, korista ipar-amerikarra, suediarra eta kataluniarra gertatu zitzaizkidan ondoan. Jakina, miresgarriak hiru kantariak ere. Hura oso inportantea izan zen niretzat. Asko lagundu zidan nire buruarengan sinesten. Hemen lanak nituzkeen neure buruarengan sinesten. Alde horretatik asko lagundu dit kanpora irteteak, asko lagundu dit Bartzelonak, asko Madrilek, asko Liverpoolek. Orduantxe esaten diozu zeure buruari: "Ez gara hain txarrak izango! Aurrera!". Zuk beste inork ez badu sinesten egiten duzun horretan, zaila da aurrera egitea. Jackson Browne batek esatea Kiko Venenorena eta zurea direla inoiz egin dizkioten bertsiorik onenen egileak –eta, bide batez, urtero garai honetan bere gaileta zoragarriak bidaltzea–, [barrez dio] ... horrek asko laguntzen du. Gutxiengotzat jo izan duzu zeure musika. Bai, "gutxiengo hautatuarentzat" etiketapean ibili naiz, baina mentalitatea aldatzen hasi beharrean nago, zeren eta, Durangoko Azokan, adibidez, harrera ezin hobea izan du Tonetti k... Barnasants jaialdiak gonbidaturik egindako diskoak, hemen Berria egunkariak banatu zuenak, berdin, oso harrera ona. Gutxiengoari begiratzen diot, bai, baina gutxiengo handiari. Bestalde, oraingo mundu honetan, kultura jasaten ari den pisu eta presentzia galera ikaragarria da. Izugarria iruditzen zait. Horixe irakurri diot oraindik orain Richard Fordi, eta bat nator haren iritziarekin. Horrekin batera, bada beste egitate bat: kulturgintzan ari garenok erdi galduta gabiltza, biderik ez dago, noragabea da nagusi, idazle, musikari, kazetari… etorkizunari ezin antzemanda gabiltza denok. Jarrera kritikoa izan, erne egon, formula ezberdinak saiatu, eta eutsi. Ez dago besterik. Amore emanez gero, kito, gureak egin du. Nola entzunarazi zeure ahotsa, zarataz betetako munduan, ingeles musika hezurretaraino entzunarazten diguten garaian? Hiperestimulazioak ondorio latzak izango ditu belaunaldi berrietan. Horretan dira pedagogo eta psikologoak ere. Musika ez da adar bat besterik. Leporaino nago leku guztietan musika entzuten. Isiltasuna behar dugu. Isiltasunaren bidez baloratuko dugu musika. Beti errebindikatu dut isiltasuna, nahiz musikan nahiz oro har. Bestalde, zein egoeratan heltzen zaigu musika orain? Edozein euskarri kaxkarretan entzuten dugu. Akordatzen naiz zertan gastatu nuen nire lehenengo dirua, orain dela kasik 40 urte: musika ekipo txukun bat erosi nuen Hendaian, eta ezkutuan ekarri etxera, kontrabandoan. Oraindik gordea dut. Kontrabaxuaren hotsa eta! Gozamen hutsa! Gozamen hutsa da Jabier Muguruza ahotsa eta hatz kriskitinak beste laguntzarik gabe entzutea. Nik horretan sinesten dut, ez dago besterik. Iaz edo, Camprodonen [Girona, Katalunia] kontzertua egiteko deitu zidaten. Gero, kontzertu egunean, goizean, bertako musika eskolako umeen aurrean ere arituko ote nintzen. Banuen kezka, baina baietz. Sartu aretora, 300 bat haur eta gazte, batzuk txiki-txikiak. "Zer izan behar du honek? Hau da desastrea!", pentsatu nuen. Mikel Azpiroz eta biok hasi ginen, pianoa, ahotsa, eta haur eta gazte haien parte-hartzea. Ordu eta erdi egin genuen, zoragarria. Adi-adi denak, isiltasun erabatekoa. Komunikazioak funtzionatzen du. Tan petita a capella kantatzen jardun dut Katalunian, eta horren inguruan sortzen zen giroa guztiz potentea zen. Paregabea. Giro horretakoa da zure musika. Nik neure apustu pertsonala egina dut, baina, adibidez, Ferminen azkeneko diskoa entzun –instrumentazioa, erritmoa, New Orleanseko giroa–, eta oso interesgarria iruditu zait emaitza. Hemen nork bere ahotsa du, nork bere ezaugarriak, eta haietara errenditu behar da. Suzanne Vegak esaten zuena: "Ahots txikia dut, istorio txikiak kantatzeko". Inportantea da munduan kokatzen jakitea. Horretarako bide luzea egin behar da. Asmatu duzu. Borroka horretan nabil. Oso zorrotza naiz neure buruarekin, beti galdezka, beti bila, beti. Oso inkonformista ere bai alde horretatik. Hamaika lan dituzu eginak. Musikari zara, baita idazle ere, antzezle ere ari izan zara, elkarrizketak egiten ere bai. Zure Entrevistas con alma liburua ekarri dut lagun, Jabierrek Jabierri zer galdetuko ote liokeen jakin nahirik. Zer galdetuko niokeen?... Hauxe: " Tonetti anaiak defenditzea dagokizu orain, diskoa atera berria denez gero. Dena den, zein izango duzu hurrengo apustua? Nondik jo nahiko zenuke?". Diskoa atera berri, eta bide berri bila? Ez adarrik jo! Bai, bada! Ez dizut alferrik esan! Egin ditudan hamalau diskoak hartu, eta garbi ageri da bertan lotura bat, zerbait komuna, ikuspegi eta mundu ikuskera bat bera osatzen duten elementu sorta bat –ahots propioa, alegia–, baina, horrekin batera, bilaketa lana dago disko bakoitzean, progresio bat, eta ez nahitaez instrumentazio gehiago baliatzera, biluztera ere bai, momentu jakin batean. Oraingo diskoan, jazz formatura itzuli sonoritate zehatz baten bila, eta guztiaren gainetik, gordin jardutea hobetsi, erabateko isiltasunean –El Vendrelleko auditorioan, eman dezagun–, batere efekturik gabe. Horixe da bilaketa, nire kasuan. Lehen ondo egina, lortutakoa, errepikatu, ala sortzaileari dagokion jarrera izan eta kritiko jardun, beti urrats bat aurrera egin nahian, arriskatzen ibili? Horretan entretenitzen naiz ni.
news
argia-dde4bed9fca4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2490/nafarroako-jotak.html
Galduta dagoen hegoaldeko bertsolaritza
Julen Leuza
2016-01-03 00:00:00
Galduta dagoen hegoaldeko bertsolaritza Gaur egun nafar jotak musika eta letra aurretik egina duten kantuak ditugu. Txapelketa, jaialdi eta emanaldietan jota berdinak entzun daitezke maiz, eta saritzen den bakarra interpretatzaileen ahotsa eta kantatzeko modua dira. Ez da, ordea, beti horrela izan. Garai batean jotak bat-batean botatzen ziren, erronda eta tabernetan bereziki, eta hitzak ez ziren inolaz ere gaur egungoak bezain zuzenak. Jose Mari Esparza jota bildumagilearen hitzetan: "Navarristek jotaren bertsio ofizial bat inposatu dute, eta hegoak ebaki dizkiote. Orain ez dugu ez txori ez deus". Motibazio politiko, sozial, erlijioso edo moralek ezarritako orori kontra egin dieten koplak "jota heretiko" izenarekin biribiltzen ditu Jose Mari Esparzak. Bertsoaroa zikloaren baitan eman zuen hitzaldian azaldu zuenez, bere interesaren helburu nagusia inspirazio herrikoiak eman duen beste begirada hori erakustea da, hainbat garaitan herriak sortu duen adierazpen bizi eta dinamikoa, alegia. Antzinako joten bat-batekotasuna eta, modu batean, desegokitasuna defendatzera dator editorea, kopla heretikoen bilduma aparta gainean duela: 1988an idatzi zuen Jotas heréticas de Navarra liburua. 2013an hirugarren edizioa argitaratu zuen Altaffaylla Kultur Taldeak, zuzenduta eta 300 kopla berri gehituta. Berak dioenez, jota jaialdien inguruan jaso diren lehen berriek mota askotako letrak erakusten dituzte, garaiko errondetako naturaltasun eta bat-batekotasuna agertokian islatzen zenaren seinale. Honek ordea, ez zuen asko iraun, eta jota kantariak azkar kendu zion lekua jotariari. Gerrate zibiletik aurrera estatus politikoa ferekatzen zuen edozer debekatu zen, eta beraz, jota ortodoxoak nagusitu ziren, herritarrek haien inguruko gertakariei buruz ezer paratu ezin zutelarik, eta horrela bat-bateko jotak desagertuz joan ziren. Jatorri jotaria Kantua eguneroko ohitura duen familia batetik datorrela azaldu zuen Esparzak: amaren aldetik, gainera, jotarenganako afizio handia zegoela. Senide asko izan zituen jotari, baina bereziki aitona izan zen, Cirilo Zabalegi, etxeko eta eguneroko koplen munduan sartu zuena. Aitonaren irakaspenetatik abiatuta hasi zen koplak biltzeko eta jota heretikoen historia aztertu eta ezagutzeko Esparzaren afizioa. Aitonak kantatzen zuen bezala:  Nunca es el mejor jotero el que canta con más fuerza jotero es aquél que sabe echar jotas a una berza. Nafarroako historia koplen bidez Navarro Villosladak idatzi zuen nabaria zela Nafarroan edozein gertakariren aurrean koplak edo abestiak inprobisatzeko zegoen ohitura. Jose Mari Iribarren jotaren inguruko XX. mende erdialdeko ikertzaile nabarmenetariko bat izan zen (Azkueren moduan egoerak, ideologiak eta garaiak bultzatuta zekiena baino askoz ere gutxiago idatzi zuena). Iribarrenek esan zuen frantsesadatik aurrera Nafarroako historia guztia koplekin kontatu daitekeela, eta Esparzak berresten du. Hainbat gertakari eta garaitako koplak erakutsi zituen idazleak hitzaldian, hona batzuk: Clamaban los liberales que la reina no paría y ha parido más muñoces que liberales había Carlista tengo que ser aunque me corten el moño por menos de cinco reales hay pelucas en Logroño Vivan las cuatro provincias que siempre han estado unidas y nunca se apartarán aunque Gamazo lo diga    La libertad ya ha venido desde el 14 de abril ya se grita por las calles ¡Fuera la Guardia Civil! Aunque hasta el séptimo cielo San Pedro le suba a Franco no ha de llegar a la altura que llegó Carrero Blanco Muy bien los requetés muy bien por los falangistas España grande ha de ser cuando mueran los marxistas  Gertakari konkretuez gain, pertsonaia, egoera eta gai ugari izan dira jota heretikoentzat inspirazio iturri, hala nola elizgizonak, Guardia Zibila, epaileak, jornalariak, pobreak, aberatsak, mozkorrak… edo abertzaletasuna, euskaldunak, erotismoa eta sexua:    Con los curas y los frailes las monjas y los beatos o hay que llevarles al aire o hay que tener pocos tratos Ya vienen los jornaleros de trabajar del Canal han trabajau todo el mes y no les quieren pagar Seis días está un camello trabajando y sin beber tu marido se está un año pero haciéndolo al revés    Vizcaya produce hierro Guipúzcoa sabe hacer armas y nervios de acero y bronce sabe fabricar Navarra Quisiera ser zapatico para ponerme en tu pie y que así pudiera verte lo que no me dejas ver ¡Ay madre que me lo han roto! ¡Hija, no digas el qué! el cantarico en la fuente madre, ¿qué se pensaba usted?  Jotak euskaraz Jotak euskaraz ere kantatu izan dira Nafarroan. Esparzak dioenaren arabera, "bi hizkuntzak musukatzera iritsi ziren", adibidez, XVIII. mendean Tafallan gaztelaniaz kantatzen ziren kopla batzuk Artaxoan (orduan euskalduna oraindik) euskaraz ematen zirelarik. Artaxoan jakina da koadrila bat epaitua izan zela 1765ean emakume alargun bati euskarazko jota bat kantatzeagatik. Honetaz gain, Nafarroako iparraldean jotaren neurri eta errima bereko kopla asko sortu izan dira, baita Gipuzkoa eta Bizkaitik heldutakoak ere, bereziki Karlistaden garaian. XX. mendean jotak euskaraz grabatu zituzten lehenak Larragako Joteroak izan ziren. 1985ean Ataiar errondailarekin batera ateratako diskoa letren eduki ezkertiarrengatik garrantzitsua izan bazen ere, euskarazko jotak sartzea iraultza izan zen jotaren munduan: Bota Erribera jota Larragatik Gernikara mila lore berri gara espos goaz Iruñera Iruñea haiz ederrago amorezko pena baino goi elurretaraino hire jota diat botako Raimundo Lanas ta Etxahun Xiberu ta Nafarroa biei kantatzen diegu Larragako joteroak Jota horietako batzuek euskal kantari batzuen errepertorioan daude oraindik. Nabaria da Ipar Euskal Herrian euskarazko jotak kantatzeko egon den tradizioa azken hamarkadetan, maleruski, ia Nafarroa Garaian baino handiagoa; Etxamendi eta Larralde, Amaren Alabak, Kalakan, Xiberotarrak edo Jean Mixel Bedaxagar ditugu horren adibide. 1995ean Tuteran ospatu zen Nafarroa Oinezeko kanta ofizialean eta Kojon Prieto y los Huajolotes taldeak jaiari eskainitako kantuan bi jota hauek entzun daitezke: Abardenetako hots lehena Muskaria zaharreko euskera aspaldiko erroa loratuz dijoa lur gaziak antzutu ez duena herri honen gogoa: Erribera Bere hizkuntza galdu ezkero herria hankamotz dabil Tuteran itxoiten dizut makuluekin behar balitz Jotaren bilakaera eta gainbehera Jotak grabatu zituzten lehenak Tafallako Pajeak izan ziren. 1920ko hamarkadan hiru disko atera zituzten, eta diskoetako jotak erronda-jotak ziren, kantarien ahotsa baino, letra, inprobisazioa edo ironia nagusi zirela. Geroago Raimundo Lanas eta bere jarraitzaileek ateratako diskoetatik urrun daude Pajeen koplak, honenak askoz ere libre eta heterodoxoagoak ziren. Honek argi uzten du gaur egun ezagutzen dugun jotak ez dela oso aspaldikoa.  Lanas ere bat-bateko jota emailea zen, baina honi ahots eta kantatzeko modu paregabea batu zitzaion. Gezurra dirudien arren, honen ahots apartak neurri batean jotaren gainbehera ekarri zuen: bere diskografiak jotari eredugarritzat ezarri zuen, eta bere oinordekoek ahotsari eman zioten garrantzia eta letren edukia alde batera utzi zuten. Hala bada, jotak desagertzen hasi ziren, eta jota kantariak nagusitu. Jotaren bilakaeraren beste arrazoiak ugari dira: Boskoteak eta errondak desagertu ziren (salbuespenak salbuespen, beti ere) eta espazio publikoetan musika grabatua jartzen hasi ziren. Gerran, eta frankismoan gero, zentsura ikaragarria izan zen, eta errepublikaren aldeko kopla asko desagertu ziren. Ondoren etorri ziren lehiaketa eta jaialdiek ez zuten lagundu, saritzen zen gauza bakarra ahotsa baitzen. Baina jotaren gainbeherak errudun bat baldin badu, Esparzak argi du hori orain arteko Nafarroa ofiziala eta navarrismo atzerakoia izan dela. Tafallarraren ustez, "navarrismoak jota bahitu du". Jaime del Burgo bezalako pertsonaiei esker, jota Nafarroako identifikazio hegemoniko bihurtu nahi izan dute, lurralde honen folklorearen (espainiarra, noski) ezaugarri nagusitzat erakutsiz beti. "Jotaren bertsio ofizial bat inposatu dute, eta hegoak ebaki dizkiote. Orain ez dugu ez txori ez deus." Jotak nola berreskuratu? Hala galdetu zioten Jose Mari Esparzari hitzaldiaren bukaeran. Berak, ordea, ez zuen erantzun zehatzik eman, baina argi utzi zuen aipaturiko navarrismo horrek ez duela eginen. Debatea irekia utzi zuen, baina hauxe adieraziz: "Jota berreskuratu nahi badugu heterodoxoak izan beharko dugu, nahitanahiez." Bertsoaren adibidea ondoan dugu, baita bertsolariek ere jotaren eredua eta melodia anitz. Bideak asko izan daitezke.
news
argia-c66ac9faa1a7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/alternatiben-urriak.html
Alternatiben urriak
I�aki Barcena
2015-11-22 00:00:00
Alternatiben urriak Baionatik Bilbora: inor gutxik espero zezakeen Baionan 2013ko urriaren 6an ikusitakoa bi urte geroago Bilbon, 2015eko urriaren 24an errepika zitekeenik. Nik neuk ARGIAn hauxe idatzi nuen: "Ziur nago, Alternatiba eguna hemendik aurrera erreferentzia politiko nabarmena izango da Frantziako Estatuaren ezkerrarentzat, egin duten lana eta lortu diren emaitzak eredugarriak izan baitira. Ez nago hain ziur lorpen hori gure Hegoaldean antzerakoa izango denik. Maleruski, gure kultura politikoan ez da normala, kausa komun baten aurrean –aldaketa klimatikoa, kasu–  hainbeste jende desberdin biltzea, sigla eta jatorrien gainetik. Hori ez da denbora txikian lortzen, hori lan sendo eta luzearen emaitza da". Urte bi nahiko izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak testigua hartuz gero Bilboko Alde Zaharrean milaka lagun biltzeko eztabaidan, tailerretan, txosna eta karpen arteko paseoan edota dantzan.  Nola "kutsatu" dizkigute Iparraldeko ekologistek euren lan egiteko metodoak eta tresnak? Hor dago arrakastaren gakoa. Donostian, Zokoan eta Donibane Garazin: Pozoia dosi txikietan etorri da. Aldez aurretik beste alternatiben herrixkak izan dira. Donostian eta Zokoan joan den ekainaren 6an bi pilula, eta gero Donibane Garazin urriaren 10ean beste bat. Gogoa bete da. Amesten genuena gauzatu da. Bi urte aurretik idatzi genuen: "Baiona Ttipiko karriketan bezala, Alternatiba egunak Euskal Herriko beste herri eta hirietan errepikatzea, beste mundu posible horren aldeko urrats sendoa litzateke. Hala bedi!". Orain badakigu sindikalistak eta tokiko enpresak, feminista gazteak eta jubilatuak, ekologista zein antimilitaristak ekonomialari alternatiboekin bateratu ditzakegula, baita des-hazkundearen aldekoak, euskara zaleak, bertsolariak eta artistak, kantariekin ere bildu, baldin eta formak, mezuak eta helburuak horizontalki eta gardenki helarazten baditugu, hierarkia eta lehentasunik gabe, dibertsitate aberasgarrian. Klima aldaketa dakar:   Aldaketa klimatikoaren auzia izan zen/da hasierako aitzakia. Arazo potoloa benetan, heltzeko zaila dena. Zer egin lezake hiru milioi biztanleko herri txiki batek erronka erraldoi horren aurrean? Nire aburuz Baionan martxan jarri zen eredua oso baliogarria da. Klima aldaketa ez da ekologisten arazoa soilik, zibilizazio oso baten galdera ikurra ere bada. Erokeria litzateke pentsatzea arazo teknologiko baten aurrean gaudela eta irtenbidea zientzialarien eskuetan dela. Gure eztabaidetan argi geratu den moduan, alternatiba ez da hari bakar batetik etorriko, hari, kolore eta jostun desberdinak behar ditugu krisi klimatiko-energetiko-kapitalista eta patriarkalari eusteko.
news
argia-7377936193ff
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/harakiria-hasiberrientzat.html
Harakiria hasiberrientzat
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-11-22 00:00:00
Harakiria hasiberrientzat Japonia, 1170. Minamoto no Tametomo samuraiak, etsaiz inguratuta eta irtenbiderik ezean, bere buruaz beste egin zuen sabelean ebakia eginda. Kroniketan harakiri-a edo seppuku-a aipatzen zen lehen aldia izan zen. Bere burua erritu horren bidez hiltzen azkena, oraingoz, Isao Inokuma izan da, 2001. urtean. Harakiri eta seppuku sinonimoak dira: "sabeleko ebakia" esan nahi dute. Kanji edo zeinu berdinek osatzen dituzte bi hitzak, baina alderantzizko ordenan jarrita eta desberdin ahoskatuta. Japoniarrek seppuku nahiago dute, jasoagoa delako, baina atzerrian harakiri baldarra nagusitu da. Suizidio mota dotorea nola izendatu argi egon ez arren, praktikan nola burutu behar den zehazki jasota dago, hamar arautan: 1. Janzkera. Beste mundura joateko kimono zeremoniala jantzi behar da. Kolorea suizidak aukeratu dezake, baina zuria hobesten da. 2. Tokia. Leku gomendagarienak tenpluak, norberaren etxea edo, besterik ezean, buru-hiltzailea giltzaperatu duten tokia dira. Suizida oholtza baxu soil batean jarriko da, parean zulo bat edo saski bat duela, burua mozten diotenean, pirritan joan ez dadin. Hobe da argi mehea erabiltzea, ikuskizun odoltsua arintzeko, eta intsentsua ere ideia ona da, erraien kiratsa estaltzeko. 3. Agur-poema. Erritua isiltasun zorrotzean egin behar denez, suizidak ez dauka azken hitzak ozen esateko aukerarik, baina poema bat idatzita uztea keinu dotoretzat jotzen da. 4. Lekukoak. Ganorazko seppuku orok  lekukoak behar ditu, eta etiketaz jantzita agertu behar dute, gainera. 5. Laguntzailea. Buru-hiltzaileak aukeratzen du laguntzaile edo kaishaku-a. Protagonistak tripak ateratzen amaitu duenean, laguntzaileak burua moztuko dio ebaki irmo garbi batez. 6. Tresna. Katanak lan horietarako luzeegiak direnez, kodachi edo wakizashi izeneko ezpata laburra edo tanto izeneko daga erabiltzen dira. 7. Jarrera. Suizida japoniar erara eseriko da, ezpata parean eta laguntzailea atzean duela. Triskarantza hasi baino lehen, erreberentzia egingo die bertaratutakoei. 8. Ebakia. Lehen ebakia sabelaren beheko aldean egin ohi da, ezkerretik eskuinera. Bigarrena, behetik gora. Eta handik aurrera, arau bakarra dago: zenbat eta ebaki gehiago, hobeto. 9. Hiltzeko ukaldia. Suizida ahulduta dagoenean, burua aurrera makurtuko du, laguntzaileak angelu hobea izan dezan burua ebaki bakarraz mozteko. Laguntzailerik ez badu, lepoan ebakia egiten saiatuko da geratzen zaizkion indar apurrez. 10. Subjektua erraiak aterata eta burua moztuta dagoenean, gorpua erretiratu eta sarraskia garbituko dute. Baina lehenago, mirabe batek buru moztua erakusten die lekukoei, inork suizida hilda dagoela zalantza egiten badu edo.
news
argia-fa1e2ecb93bd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/paranoia-xenofoboa-politika-murriztaileentzako-aitzakia.html
Paranoia xenofoboa, politika murriztaileentzako aitzakia
Mikel Garcia Idiakez
2015-11-22 00:00:00
Paranoia xenofoboa, politika murriztaileentzako aitzakia Parisko atentatuen moduko gertaeren aurrean, zergatik daude musulmanak kasik derrigortuta Estatu Islamikoa ez dela euren ordezkari argitu behar izatera, baina esaterako eraso xenofobo ugarien aurrean zuri europarrek ez dute etengabe argitu behar erasoak ez dituztela ordezkatzen? Zergatik baliatzen dira atentatu hauek migrazio politika are gogorragoa eskatzeko eta errefuxiatuen etorreraren inguruan beldurra zabaltzeko, atentatugileak europarrak baziren? Zergatik, sakoneko arazoei heldu beharrean, erabaki populista xenofoboak astintzen dituzte agintariek? Esaterako, "gorrotoa zabaltzen duten" meskitak ixtea, Manuel Valls Frantziako lehen ministroaren hitzetan. Hain zuzen, halako gertaera lazgarriak aitzakia interesatu ere badirelako, xenofobiaren izua harrotuz kontrolaren eta askatasun murrizketaren politiketan sakontzeko – 30 egunez botere osoa ematen dion artikulua indarrean sartu nahi du François Hollande presidenteak–. Txanponaren beste aldea Siria, Irak eta Afganistango 24 errefuxiatu izan dituzte etxean, pasa den uztailetik, Alemaniako Dirk Voltz eta haren bikotekideak. Beldurraren mezua ahotan dutenen aurrean, errefuxiatu hauekin bizitako esperientzia aberasgarri eta baikorra kontatu du Voltzek sare sozialetan, eta lau haizetara zabaldu da bere idatzia. Hainbat hedabide, agintari eta taldek errepikatutako topiko arrazistei, herritarren artean zabaltzen saiatzen diren paranoia xenofoboari, eta Europaren ustezko musulmanizazio eta islamizazioaren izu funsgabeari esperientzia errealetik erantzun nahi izan die Voltzek.
news
argia-a637923c7a67
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/manipulazioak-eta-omisioak.html
Manipulazioak eta omisioak
Asier Blas Mendoza
2015-11-22 00:00:00
Manipulazioak eta omisioak Lehenengo globalizazio ekimena Britainiar inperioren nagusitasun pean eman zen, erregulaziorik gabeko merkatu kapitalista mundu osoan barreiatzeko. Saiakera inperialista hark erantzun anizkoitza izan zuen estatuen, herrien eta langile klaseen partetik. I. Mundu Gerrak lau hamarkadetako gatazka militarren aroa ireki zuen ekimen hura lurperatu zen arte. Ondoren, Berlingo harresia erori eta bigarren globalizazio ekimen saiakera etorri zen, AEBek gidatua. Lehengaien eta merkatuen konkistek esku-hartze politiko, ekonomiko eta militarrak behar izan dituzte, batzuetan nazioarteko legedia hautsiz. Biolentzia eta kaosa bilakatu dira globalizazio kapitalistaren bigarren olatuko adierazle nagusiak, eta lehenengoari gertatu zitzaion bezala, erantzuna ailegatu zaio bigarrenari ere. Potentzia erregionalek globalizazioari mugak jarri dizkiote eta nazio-proiektu herritarrek zuzenean eraso dute klase xeheen interesak defendatzeko. Erresistentzia horrek esplikatzen du parte handian Mendebaldearen erantzun desesperatua erresistenteak eta hauen inguru geografikoak desegonkortzeko: estatu kolpe bigunak edo gogorrak sustatuz eta babestuz; oposizio taldeak armatuz, gerra zibilak bultzatuz eta bere etsaien aurkako proxy gerrak (delegatutako gerrak) bilakatuz; azkenik, herrialdeak bonbardatuz eta behar bada okupatuz ere bai. Desegonkortze politiken ondorioek herrialdeen suntsiketak, hildakoak eta errefuxiatuak utzi dituzte. Kostu handiegia Mendebaldeko barne trinkotasuna ez ahultzeko, horregatik propaganda eta manipulazio politikoa indartu da. Lehenengo, globalizazio kapitalistaren aurkako etsaiak identifikatu, eta ondoren, demoniatzeko eta estigmatizatzeko kanpaina hasten da errealitatea manipulatuz. Hedabide eta iritzi sortzaile gehienak Mendebaldeak izendatu dituen etsaiez zaborra botatzen hasten dira uneoro. "Al Assaden erregimen kriminala" adjektiboa seriean dator eta berriz, segidan "Obama administrazioa" erabiltzen dute AEBek Afganistanen Mugarik Gabeko Medikuen ospitale bat bonbardatu eta gutxienez 30 hildako eragin zituen egunean bertan. Ez, editorialen lerroburua ez zen izan "Obama: hemen da munstroa", ez, horrelakoak Putinentzat gorde ziren, Ukrainako estatu kolpea gertatu zenean errusiar presidenteak harturiko arbuio jarreragatik. Ez zitzaien munstro deitu Odesan hamarnaka pertsona erre eta erail zituzten ukrainar nazionalistei. Petro Poroshenkoren erregimena ez da kriminal bezala kalifikatu, nahiz eta Ukrainako ejertzitoak Donbasseko herritar zibilen kontra egiten dituen bonbardaketen harira, Ukrainako presidenteak konkista gerra hasi eta publikoki hauxe esan zuen: "Gure seme-alabak eskoletara eta haurtzaindegietara joango dira, beraien seme-alabak sotoetan eseriko dira, ez baitute ezertarako balio". Aurten Poroshenkok zeharka onartu du estatu kolpe bat egon zela Ukrainan: Auzitegi Konstituzionalari eskaera formal bat egin dio ebatzi dezan Viktor Janukovitxen kargu gabetzea ilegala izan zela. Baina, hedabideek ez dute horrekin zalapartarik sortu. Iritzi sortzaileek Maidaneko masakreari buruz bota zuten zabor manipulatua errektifikatu ez duten bezala. Garbi dago frankotiratzaileak estatu kolpea eman zuen oposizioaren parte zirela, are gehiago, afera honen arduradun gisa Ukrainako estatuak jazarpen judizial bat jarri du martxan Svoboda eskuin muturreko alderdiko diputatu ohi batzuen kontra. Baina horretaz inork ez du hitz egiten, gutxik hitz egiten duten bezala Suedia osoan errefuxiatuen aurka burutzen ari diren hamarnaka eraso sutzaileez.
news
argia-99670969fecd
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/lakari-bat-babarruna.html
Lakari bat babarruna
Itsaso Zubiria Etxeberria
2015-11-22 00:00:00
Lakari bat babarruna Ordenagailu aurrean nagoen honi Zarautzen irekitzera zihoazen dendaren izena aditzean barre txikia egin zitzaion. Gure etxean lakari txitxiei eta ipurdi ederrei deitzen baitzaie. Eta pentsatu nuen, zein kuriosoa izena elikadura osasungarrirako denda baterako. Ezjakina ni. Aiton-amonek hau irakurriko balute... Lakaria garai bateko neurketa mota bati deitzen omen zaio, eta ni enteratu gabe; 3,6 kg inguruko neurriari hain justu. Neurketa egiteko egurrezko kaxaren irudia ikustean, ordea, ezagutu dut tresna, eta orduan ulertu dut Lakariren logoa.  Total, facebook-ean jarritako eguneko menuak ikusita joan naiz Zarautzera, zer dagoen ikustera. Ale soltea Orain hilabete ireki dute denda, eta ni bezala lehen aldiz gerturatutakoak asko ziren. Lau langileak zera azaldu, bestea erakutsi eta hura saldu ari ziren bitartean eman dut lehen itzulia dendan barrena; eta estreinako begiratura ale soltearen papera gustatu zait. Ohiko denda ekologikoetan zer edo zer ikusten hasiak bagara ere, normalean kontatutako produktu batzuk besterik ez ditugu soltean erosteko moduan; eta Lakarin esfortzu bat nabari da zentzu horretan. Kontsumo jasangarriagoaren bidea hortik ikusten dute Lakariko langileek: bakoitzak nahi eta behar duena hartu, markatzen dizuten kantitaterik erosi behar izan gabe, eta noski, askotan janaririk ekologikoena izanik ere plastikozko poltsetan munduari bira emanez iristen zaizkigun produktuen jatorria behintzat kontutan hartuz –nahiz eta horrelako batzuk ere aurkituko dituzun dendan–.     "Eta zer da bere landareak zaintzen dituen inguruko baserritarrak bildutako produktua baino ekologikoagorik?" diote. Basobeltz baserria, Zarautz; irakurri dezakegu hainbat produkturen informazio-txartelean. Beste hainbaten artean produktuak saltzeko zuzeneko tratua egin duten baserrietako bat da. Ez dute izaten, beraz, neguan tomaterik edo udan kiwirik. Garaian garaikoa da filosofia.  Bertan prestatutako janaria Elikagaiek frigorifikoan hilabete aldaketa txikirik jasan gabe pasa dezaketela sinestarazi digutenean, Lakarin frigorifikoetan gutxi xamar inbertituko zutelako-edo, baina lehenago hasten dira maskaltzen. Hortik sukaldea jartzearen ideia. Ia saltzeko ez baina jateko moduan dauden elikagaiak bildu eta egunerokoan otorduak prestatzen dituzte. Hori da nik facebook-en ikusitako menua, Lakarin prestatutako elikagaiena. Saldu gabeko produktuei irteera emateko aukera moduan planteatu zuten, eta badirudi harrera ona izan duela.
news
argia-d1c531917951
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/bada-garaia.html
Bada garaia
Oihana Etxebarrieta
2015-11-22 00:00:00
Bada garaia Azaroak 25, emakumeonganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna. Hitzez, argazkiz, deklarazio instituzionalez, kartelez, txapez, puntu morez, izenez, zenbakiz... betetzen zaizkigu kaleak egunaren jiran. Eta gero? Isiltasuna. Hildako bat dagoenean edo eraso "larriren" bat gertatzen denean soilik apurtzen den isiltasuna. Baina indarkeria sexista pairatzen dugun gorputzok nahikoa dela aldarrikatu dugu behin baino gehiagotan, eta horretarako kalera atera gara, performance ak egin ditugu, biluztu gara eta jantzi. Jantzi ditugu pelukak eta buru-berokiak. Hildako emakumeak irudikatu ditugu lurrean, edo eltzeak hartuta soinua ateratzen ibili gara. Eskoletara joan gara hezkidetza ikastaroak ematera, maitasun erromantikoa behatzez seinalatu dugu eta gure buruak aztertzen eta lantzen aritu gara, batzuetan negarrez eta besteetan barrez (bai... zenbat barre egin dugun barruan dugun Pantoja ateratzerakoan). Milaka modutan egin diogu aurre matxismoari, milaka modutan heltzen delako gure bizitzetara. Baina gurea al da aldaketaren ardura? Erasotzen gaituztenoi dagokigu gizartea mugiaraztea? Ardurak konpartitu eta banatzen hasteko garaia da. Hitzetatik ekintzetara pasa gaitezen, bada garaia.
news
argia-319f18ea3188
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/arantxa-anitua-laurak-bat-euskal-etxeko-lehendakaria.html
"Euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela iruditzen zaigu"
Miel Anjel Elustondo
2015-11-22 00:00:00
"Euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela iruditzen zaigu" "Argentinarra naiz eta, Euskadi dut maite…" kantu zaharraren bertsio berria litzateke, Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko lehendakari andrea kantari. Laurak Bateko lehendakaria da mintzo. Lehendakari izan aurretik ere Laurak Batekoa izan naiz ni beti, txikitandik. Munduko euskal etxerik zaharrena duzu. 140 urte beteko ditu 2017an. Habanan bada gurea baino lehenago ireki zuten elkarte bat [Asociación Vasco Navarra de Beneficiencia, 1877], baina urte askoan batere jarduerarik ez du izan, gureak ez bezala. Gaur egun, 1936ko Espainiako gerra garaiko eta gerra osteko jendearen kutsua du oraindik. Jakina, horrek nahitaez eduki politiko handia ematen dio elkarteari. Esaterako, gu txikitandik panfletotxo ibiltariak izan ginen. "Izena: Arantxa". "Azalpena: euskalduna naiz, ez naiz espainola…". Eta tar-tar-tar... Euskalduna eskuineko erregimen eta diktadura askoren sostengatzaile delakoan da hemen zenbait herritar. Zuk bestelakorik diozu. Denetarik dago, adiskidea, denetarik dago! Adierazgarria da oso: euskal etxean biltzen den jendea oso eskuina da hango [Argentinako] politikan, baina guztiz ezkerrekoa hemengoari dagokionean, presoen aldeko borroka, giza eskubideak eta hau eta hura. Ondo da, baina giza eskubideak unibertsalak dira, ezta? Harrigarria zait. Hemen, kaputxa jantziko lukete. Han, eskuin muturrekoak dira. Ez da erraz ulertzen. Dena dela, gu Laurak Baten haziak gara, bertan ikasi dugu dantzan, kantatzen… hantxe egin dugu bizitza soziala, hantxe senide eta lagunak –fakultatekoak izan ezik–, eta txikitandik ezagutzen ditugu gu baino zaharrago diren horiek. Laurak Baten giroan haziagatik ere, argentinarrak zarete. Hori ere bai. Argentinarra, esaterako, oso apasionatua da, lagunak erraz egitekoa. Hortaz, bietarik dugu: alde batetik, euskal sen hori –senideak eta hurreko adiskideak zaindu beharra–, eta argentinar giroa, italiar-argentinarra konparazio batera, non buila eta eskandalua den. Gogoan dut behin mutil gazte bat heldu zela Laurak Batera, maleta hartuta, odontologia ikasteko asmoz. Ez zuen non lo egin, eta gure aitak esan zion: "Hi gure etxera!", eta gurean egin zuen urtea. Eta ez genuen ezagutzen, ez genekien nondik zetorren, euskalduna zela besterik. Horrelaxe! Diozunez, Laurak Baten bada gune gotor bat, gerrak markatutako generazioak osatzen duena, bi joera politiko dituena, hangoa bata, hemengoa bestea. Non zabiltza zu zeu? Ez naiz alderdi politiko jakin bateko kide. Oraindik batek ere ez nau behar beste maiteminarazi, eta ez naiz inoiz afiliatu, ez han, ez hemen. Ideietan sinesten dut, oinarrizko gauzetan, giza eskubideetan. Adibidez, frankismoaren krimenen kontrako kereila heldu zitzaigunean, zalantza bihirik ez nuen izan, eta nik bezala, Laurak Batek. Kereilaren alde egiteak konpromisoa dakar, eta asko izu da konpromisoaren aurrean. Neba abokatu jurista dut –Iñaki Anitua–, abokatu errekonozitua da Argentinan, garantista, eta beraren bidez etorri zitzaizkigun kereilaren abokatuak. Zuzendaritza batzordean gaia azaldu, eta eztabaidarik ere ez zen izan, aho batez onartu genuen kereila bultzatzea. Egia esan, harrigarri zaigu hemen jendeak ez gogorrago egitea frankismoaren krimenen kontra. Argentinan baduzue eskarmentua. Bai, 70eko hamarkadan giro beldurgarria bizi izan genuen Argentinan. Bateko asasinatuak, besteko bortxazko desagertzeak. Baina gaur egun ez dago eztabaidarik. Inork ez du auzi-mauzirik jarriko ez zalapartarik piztuko giza eskubideen inguruan, inork ez dio memoria osatzeko beharrari aitzakiarik jarriko, erreparazio historikoari muzin egingo, biktimak aitortzeari kontra egingo. Inork ez, esan dut, nahiz eta hor diren beti sektore erreakzionarioak, militarrekin komulgatzen dutenak. Halarik ere, gaur egun Argentinan pentsaezina da militarren omenezko monumentu bat ikustea. Hemen, aldiz, Francoren izena edo haren garaikurrak ageri dira zenbait lekutan. Eta botoak ere jasotzen dituzte haren oinordeek. Horixe ez dugu ulertzen guk. Diktaduraren buruzagiak preso sartu zenituzten Argentinan, Videla eta beste. Eta kartzelan hil ziren baten batzuk. Harremanak ditut Desagertuen seme-alaben elkarteko zenbait lagunekin, eta juizioak ez direla gelditu esaten didate. Adibidez, behialako Maiatza plazako ama haiek amondu egin dira, eta haien seme-alabak borrokan dira oraindik. 30-50 urte bitarteko jendea da, eta borrokan segitzen dute. Azkenaldiko gobernuek hainbat gauza egin dituzte oker, baina oker bezainbat egin dituzte ondo. Giza eskubideak errebindikatzeari dagokionean, edo erreparazioari, memoriari lotutako gaietan... irmo azaldu dira. Beste arlo bat bereziki zaindu dutena –eta militarren garaian zeharo alboratu zena–, nazioaren goresmenezko keinuak berreskuratzea izan da: banderarekiko maitasuna eta gainerakoak. Argentinarrak oso suhar sentitu ditu keinu horiek, eta oraingo neska-mutilak bide horretatik datoz berriz, oso abertzale. Eta ondo iruditzen zait. Euskaldunak galdua du harrotasun hori hemen. Handik begiraturik, iruditzen zaigu euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela. Patetikoa iruditzen zaigu, egia esan. Euskadi-Basque Country ikusi eta atzerakada itzela eragiten digu. Euskadi amerikarrekin lotzea izugarria iruditzen zait. Adorazio anglofonoa bizi duzuela ematen du. Boiseko Jaialdi eta hau eta hura! Argentinan 120 urte daramatzagu euskal asteak egiten. Milaka dantzari biltzen ditugu urtero han eta hemen. Sentimendua halakoxea dugu. Urrian egin zen mundu biltzarrean erakutsi genuen: 25 urte egin ditu Argentinan euskaraz programak. Argentinan jaiotakoak ditugu irakasleak. Eredugarritzat jo zuten biltzarrean bildutako beste zenbait komunitatek. "Nola egin duzue?", galdetzen ziguten. Eta nola egin duzue, jakin baliteke? Pasio handiz. Nola hasi bestela euskaraz ikasten Argentinan? Edo dantzan, edo kantuan? Pasioak biltzen gaitu, elkarrekin egoteko nahiak eta beharrak. Pasioa da. Horretan oso gara argentinarrak, bipolarrak. Oraintxe gara gaina eta bikaina, oraintxe kakaren hurrena! Gure komunitatea oso da pasioduna, pasio handiz egiten ditugu gauza guztiak. Hargatik hainbeste psikoanalisi Argentinan. Kar, kar… Han ez dago neurririk, zerotik zorora jo ohi dugu, eta oraintxe, esaterako, Latinoamerikan izan zitekeen herrialderik atzerakoiena izatetik bertako Holanda izatera igaro gara. Orekari eusten lanak guk! Laurak Bateko lehendakari eta FEVAko lehendakariorde zaitugu. Ardura handia da, eta urguilua ere bai. Abokatua ere banaiz, eta badakit noiz ari naizen Arantxaren izenean, eta noiz Laurak Bateko buruaren edo FEVAko (Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna) lehendakariordearen izenean. Bat nator Laurak Bateko estatutuekin, abertzaletasuna azpimarratzen baitu. Duela bost urtetik hona naiz Laurak Bateko buru, 40.a elkartearen historian, eta lehenbiziko emakumea goren graduan. Emakumearekiko errekonozimendutzat hartu dut, emakumea ezinbestekoa izan baita Laurak Baten ibilian: euskara irakatsi dute, dantza, ohitura eta legeen berri eman dute, erbesteratzearen eta deserrotzearen historia kontatu digute –itxaropenez beterik beti–, eta horrek diaspora batu, indartsu, jakitun eta bizia egin gaitu. Guk ez dugu [Espainiako] gerraren historia ahaztu. Zer diozu Gasteizen egin zaharra ez den diasporaren mundu biltzarraren gainean? Inoiz baino isilago igaro da, inoiz baino itxiago. Krisiak ere izango zuen eraginik, beharbada. Hemen krisiari buruz hasten zaretenean barre egiten dugu Argentinan. Krisia? Zuek ideia aztarrenik ere ez duzue zer den krisia! Giroa baretu dela ematen du, baina ez duzue krisiaz hitz egiterik. Siriakoa da krisia, edo Haitikoa. Hemen ezin duzue krisiaz hitz egin. Biltzarra dela eta, arlo pribatuan baliatu genuen gehiena, gosari garaietan, ibilaldietan, han eta hemen. Hegoamerikarrak oso irekiak gara mihiari eragin behar zaionean, eta halaxe egin genuen informazio trukea, giza harremanen bidez: "Nola ari haiz hi? Hiri zer funtzionatzen din? Nola asmatu duzue batean eta bestean?". Biltzarrean bertan ezin egin izan duguna, zehar bideak baliatuz egin dugu. Halaxe etorri zitzaigun Kaliforniako mutikoa: "Nola moldatu zineten Argentinan euskaraz programa gauzatzeko?". Giza harremanen sarea. Ez dago besterik. Begira, jaialdi bat egin genuen maiatzean: "Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du" zuen izena. Hiriko udalak urtero kolektibitate bati eskaintzen dio egun bat. Aurten, guri etorri zitzaizkigun, ondo iruditzen ote zitzaigun galdezka. Guk geure baldintzak jarri –Espainiako enbaxadorerik ez, Espainiako banderarik ez, hau, hori eta hura ez, ez, ez…–, eta baldintza haien pean pozik parte hartuko genukeela. Bestela, ahazteko. Bestalde, jaiaren arrazoia ezinago egoki iruditzen zitzaigula esan genien. Egun oso bat ohi da. Maiatza hiribidea moztu zuten, 200, 300 metro txosnaz eta agertokiz bete genituen, hedabidez mukuru zegoen –nahiz eta hedabideak beti uzkur diren euskal albisteak zabaltzen, badakite-eta zelatan dutela beti Espainiako enbaxada–… hitz batean, jai biribila. Ez alferrik. Jaiaren bezperan, denak lanean afaneko, eta telefono deia. Hariaren bestaldetik: "Espainiako enbaxadatik hots egin dute!". "Bai, eta?", nik. "Jaia egiteko baldintzak elkarrekin hitzartuak ditugula esan diegu". "Aurrera, orduan", erantzun nion. Hernaniko festak ematen zuten, baina Maiatza hiribidean. Dena ikurrinaz betea, mikroa zabalik, nahi genuena eta gehiago esan genuen. Jakina, hemendik 14.000 kilometrora errazago ere bada. Kontra egingo dizunik ez duzu han. Ez zarete Boiseko Jaialdiren inbidiatan. Pentsatu ere ez! Edukiz beterik dago gure jaia. Festaren une bat iritsi zen non zeharo nekaturik nengoen, baina gure kolektibitate osoa han ikusi eta indarrez betea nintzen unean bertan: presoen aldeko aldarria batean, Holandako erregina Maxima Zorregietaren aita bestean –denik eta gauzarik atzerakoiena, Juan de Garay elkarteko presidentea–, eta neure buruari esan nion: "Une honetako argazkia nahi dut". Bai, zeren eta elkarrekin bizi gara denok, presoen aldekoak eta erreginaren aita, eta erdian, milaka dantzari ezpatadantzan. "Hauxe da diaspora". Hunkigarria da, arima betetzeko modukoa. Gure jendea pozik, hedabideak honetaz eta hartaz galdezka. Badakigu nor garen, zer garen, nondik gatozen… Hemendik atzera, lau haizetara zabaltzea dagokigu. Horixe dugu orain helburu Laurak Baten, egiten duguna ondokoari erakustea. Urtean bizpahiru aldiz, irtetea. Ondorioak zinez onuragarriak dira. Boiseko berri heldu zaigu, nekez Buenos Aireseko berri. Askotan hitz egin dugu horretaz gure artean, talde terapia egiten dugunero. 140 urteko historia dugu, sasoi batean hemengo Jaurlaritzari han eutsi zioten, baita diruz ere. Ez dago inori haserre egiteko arrazoirik, memoria historikoa berreskuratzea besterik. Egonda nago hemengo osaba-izebei gerrako eta gerra osteko historiak aditzen. Guk procere handitzat izango genituzke Argentinan. Hemen, aldiz, gauzak ahazteko amorrazioa dagoela ematen du. Sintomatikoa da: zikinkeria alfonbra azpian gorde eta aurrera egiteko antsia dago hemen. Ba ote? Bai, bai, eta kereilarekin ere ikusi nuen nik hori. Kereilaren abokatuak etorri zitzaizkidan. Tartean, Zamorano doktorea, gizon adinekoa, bizitzarekin konprometitua zeharo. Gure diktaduraren garaian larrua jokatu zuena. Kartzela barruraino sartu zen, jendearen bila. Zoragarria, gizona. Etorri eta esan zidan: "Zorretan naiz, kereila abiarazi dugu baina uste dut ez dugula askorik aurreratu euskaldunei dagokienean". "Zorretan zu? Munduan zeu izan zara-eta auzia mugitu duen bakarra! Kereila abian da, horretaz ari dira hizketan han eta hemen. Baliteke Espainiak estradiziorik ez ematea, baina jendilaje hori deseroso sentiaraziko dugu, behintzat. Ez da gutxi". Kereila Argentinan jarri da martxan, ez hemen. Zertan da hemen jendea, zergatik ez dio horri lehenago ekin?
news
argia-f0cc546fa113
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/kali-jainkosa-eta-the-rolling-stones.html
Kali jainkosa eta The Rolling Stones
Nagore Irazustabarrena Uranga
2015-11-22 00:00:00
Kali jainkosa eta The Rolling Stones Kali betiereko energiaren jainkosa da, iluna eta bortitza, mihia aterata irudikatu ohi dutena. 1971n The Rolling Stones taldeak Sticky Fingers diskoa atera zuen. Azala Andy Warholek egin zuen, baina barruan, lehenengoz, John Pasche 24 urteko gazteak diseinatutako ezpainen eta mihiaren logoa jarri zuten. Mick Jagger taldeko abeslariak Kaliren irudi bat erakutsi zion Pascheri, diseinatzaileak inspirazio iturritzat erabil zezan. Paschek jainkosaren ahoa irudikatzea erabaki zuen, gero, eredu moduan, Jaggerren beraren aho deigarria erabili zuen arren. John Pascheri 50 dolar ordaindu zizkzioten azken mendeko ikono ezagunenetakoaren truke.
news
argia-851e6e967401
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/oskorriren-agurra.html
Zerbait geratuko da
Itziar Ugarte Irizar
2015-11-22 00:00:00
Zerbait geratuko da Oskorriren desegiteak hitz penatuak zabaldu ditu han-hemen, ekainean lau hamarkadako bidearen amaiera iragarri zutenetik. Zenbaitek kezka azaldu du euskal kulturgintzarekiko axolagabekeriak taldearen agurra behartu ahal izan duelako, eta euskal talde klasikoaren transmisio-gaitasuna nabarmendu dute beste askok. Horretaz hitz egin dugu Maite Arroitajauregi, Imanol Epelde eta Xabi Ubedarekin. "Oskorriren jarraitzailea izan gabe, Oskorri neuregan daramat". Imanol Epelde Etxepare Rap en hitzak dira, baina apika euskaldun askok –gazte eta ez horren gazte–, bere egin ditzaketenak. Jarraitzaile izan edo ez, 1972an jaio zenetik, belaunaldi batentzat baino gehiagorentzat talde erreferentzialenetakoa izan baita Oskorri, orotara 3.000 kontzertu eta 500 kantu inguruko ondarea landu ostean. Maite Arroitajauregi Mursego ri haurtzaroa datorkio burura Oskorri hizpide hartzean, utzitako arrastoa egun ere nabari duen arren: "Memorian hain presente dauzkadan kantuek – Hau da debilidadia edo Aita San Migel –, moduren batean eragina izango dute nigan, eta nire musikan". Xabi Ubeda Baxiri, Jupiter Jon taldeko gitarra-joleari, Oskorriren hasierako diskoen azalak etortzen zaizkio aurrena, Anton Latxaren ahotsarekin batera. Hala ere, musikalki ez diotela eragin uste du: "Gurea beste rollo bat da: zerikusi gehiago du punka eta bestelako gauzekin". Zergatik erabaki du Oskorrik desegitea? Taldekideek ez dute adierazpenik egin nahi izan zioez, hala adostu zutelako azken birarekin hasi aurretik. Litekeena da denboraren perspektibarekin hitz egitea; baina esanguratsua da Natxo de Felipek 2013an Berrian egin elkarrizketan esandakoa: "Gu ez gaude bukatzeko asmotan. Egoera dago gu akabatzeko puntuan". Politikak eta polemikak Oskorriren ibilbideak izan du momentu polemikorik. Euskaraz kantatzeagatik zentsura ezagutu ondoren, "espainolista" izendatuak izatera igaro ziren. Aipatu elkarrizketan argitaratutakoek ere hautsak harrotu zituzten, Euskal Herrian "kritika ideologikoaren eta atentatuaren arteko muga oso lausoa" zela esan zuen taldeko aurpegirik ezagunenak. Egun politikak musikaria baldintzatzen duen galdetuta, Ubedak azaldu du taldean "egoera nahiko surrealistak" bizi izan dituztela. Umoretik kontatu du haien kontzertu batean gazte batzuk pankarta batekin sartu zirela "diruzaleak eta kapitalistak" zirela salatzeko. Gaur egun, baina, dena "irekiago" uzten dela uste du Epeldek: "Aldarrikapen soziala asko lausotu da letretan eta sortzailearengan; begirada anbiguoa nagusitu da garena deskribatzean eta salatzerakoan".  Politika egiteko modu asko daudela ñabartu du Arroitajauregik, erabaki txikietan gauzatzen direnak: "Diskoak argitaratzeko modua, prezioa, zuzenekoetan transmititutako energia, lanarekiko konpromisoa…". Erabaki txiki horien bidez ematen dio Mursego k zentzu politikoa bere jardunari. Transmisiorik ba ote? Tradizioa birsortzeko ahalmen berezia aitortu izan zaio Oskorriri. Arroitajauregiren esanetan, "estilistikoki egongo dira folk-rock taldeak, baina ez dakit modernitatea eta tradizioa hain ondo uztartu duen talderik dagoen. Ibon Rodriguezi irakurri diot eta guztiz ados nago: kantu zaharrak berreskuratu eta propio egin zituzten Oskorrikoek, kantu zaharrei hitz garaikideak emanez eta testu zaharrei doinu berriak". Ohiko jarduna ez duen arren, testu edo kantu zaharrak musikatuz egiten den transmisio lanari oso interesgarri deritzo. Epeldek ikusten du Oskorrirekiko antzekotasunik bere sorkuntzan: "Oskorrik Bernart Etxepareren letrekin egindako disko bat du [ Mosen Bernart Etxepare 1545, 1977 ] eta tradizioa gaur egunera ekartzen ahalegin handia egin du. Horretan aritu naiz ni ere, diferentzia batekin: folkean oinarritu beharrean, rapean eta musika elektronikoan oinarrituz". Bere ustez, badira "hitz eta aire zaharrak doinu berriz  geroratzen" lekukoa hartu dutenak baina arazoa irismenean ikusten du. " Gaztea n ez dagoena, nola iritsarazi?".  Belaunaldi gazteetako taldeek adin eta publiko ezberdinak bateratzea zailago izango dutela ikusten du Ubedak, egungo zenbait erreferentziak –Benito Lertxundi eta Mikel Laboa aipatu ditu– lortu duten bezala. "Baina nork daki?". "Gezur ikaragarria" "Euskal kulturaren kontua gezur ikaragarria" dela adierazi zuen Berrian Natxo de Felipek, euskal sortzaile askok bizi dituzten baldintza txarren harira. Antzeko ildotik, euskal kultura "ataskatuta" ote dagoen ustea du Arroitajauregik: "Ez du aurrera egiten; garena ahaztu gabe eta daukagun ondarea zainduz aurrera egin behar dugu, eta ez dakit instituzioak horretarako prest dauden".  "Gaur egungo mundua guretik interpretatu behar dugu. Ezinbestekoa da ateak irekitzea garenari eutsiz", dio Epeldek. Horretarako, esperimentazio guneak ireki behar direla uste du, ikertzeko. Hedapenik, ikerkuntzarik eta transmisiorik gabe sorkuntza "hankamotz" geratzen delako, bereziki, euskalduna moduko kultura batean.  Sorkuntzatik bizitzeko hautuaz, Epeldek dio denik eta lanik onena eginda ere, ez dela inoiz "irakasle bat bezain eroso" biziko sortzailea. Etorkizunean pentsatuz bizi direnak sortzeko grina mugatua dutela uste du. Hauxe da despedidia "Nik dakidala, Oskorrik badoazela esan du baina ez zergatik. Kulturgintzako ardura duen zein joan da eurengana galdezka zer gertatu den, zergatik utziko dioten 40 urteko ibilbideari?", galdetu du Epeldek. Sorkuntza norbanakoen borondatearen gain uzten dela kritikatu du, "elikatu eta mimatu" egin beharko litzatekeen arren, kulturak herria elikatzen jarraituko badu.  Mursegok ere itauna bota du: "Zergatik ez gara gai izan Oskorri mantentzeko?". Garaiak aldatu arren, zuzeneko musika entzuteko lekuak ugaritu direla eta, Donostian, esaterako, astebururo dozena bat kontzertutarako aukera dagoela azaldu du. Baina kontzertuetara musika entzutera baino, hurrengo egunean han egon zirela esateko joaten dela salatu du. "Oskorri programatzea garestia omen da, eta? Agian militanteagoak izan behar ginateke. Kultura ez da denbora-pasa, esfortzua suposatzen du, pertsona egiten gaitu, lekuan lekuko. Kulturak definitzen bagaitu, hobeto zaindu beharko genuke". Oskorrirentzat behintzat berandu dela dirudi. Hauxe da despedidia izenarekin egin duten agurreko bira azaroaren 22an amaituko dute, Bilboko Arriagan.
news
argia-27f6ef41f458
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/mutualitateak.html
Osasunaren negozioa, gero eta handiagoa
Iure Eizagirre
2015-11-22 00:00:00
Osasunaren negozioa, gero eta handiagoa Lan osasunaz aritzea askotan mutualitateez hitz egitea dela dirudi, azpiatal txiki bat besterik ez badira ere. Enpresaburuek sortu zituzten, irabazi asmorik gabe, laneko gertaerak kudeatzen laguntzeko. Urteen joanean, gero eta eskumen gehiago eman zaizkie eta gaur egun lan mundutik haragokoa da euren eragina. Azken urtean mutualitateen jardunari lotutako bi lege berri onartu dituzte Espainiako Estatuan, aurretik egiten ziren praktikak arautuz, nolabait: ezintasun prozesuen lehenengo urtearen kudeaketa eta kontrola arautzeko Errege Dekretua onartu zen iazko azaroan, eta Mutualitateei Buruzko Legea urte honen hasieran, lehenagoko arauetan sakabanatuta zegoena era ordenatuan bilduz. Hainbat berrikuntza dakartzate legeok, esaterako Gizarte Segurantzako Lan Istripu eta Gaixotasun Profesionalen Mutuak deitzeari utzi eta Gizarte Segurantzaren Mutualitate Laguntzaileak izendapena hartzea. Sindikatuak lege horien aurka agertu dira, atzean osasun sistema pribatizatzen jarraitzeko asmoa ikusten dutelako. ELA eta LAB sindikatuek, adibidez, mutualitateei eman zaizkien eskumenen kontra egin zuten joan den apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean. Mutualitateek patronalaren interesak defendatu eta enpresen lan zikina egiten dutela salatu zuen orduan ELAk. Gainera, osasunaren defentsarako elkarteak erakundeon aurka azaldu dira, herritar aktiboen eta gainerako herritarren artean ezberdintasunak ezartzen dituztelakoan. Mutualitateak zertan eta nola aritzen diren ezagutu aurretik, komenigarria da argitzea beste batentzat lan egiten duen pertsona batek bere osasunari lotutako bi gertaera mota jasan ditzakeela: gertakizun profesionala edo gertakizun arrunta. Lehenengoa lan eremuan gertatutako gaixotasun eta istripuei dagokie eta bigarrena handik kanpo gertatutakoei –azken hori, hortaz, ez da lan osasunaren esparruan sartzen–. Enpresek, legez, bi kasuei erantzun behar diete langileei, baina gertaera mota batekoa edo bestekoa izateak baldintza dezake langileak jasoko duen osasun arreta. Zergatik diogun hori? Bada, enpresak erabakitzen duelako gertakizun horietako bakoitza modu publikoan –Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren bidez– edo pribatuan –mutualitate bitartez– kudeatu. Enpresa komitearen jarrera agertzeko txosten bat ere eskatzen du legeak, baina ez da loteslea.   Gertakizun profesionalek arreta pribatua Datu zehatzik ez dagoen arren, enpresek apenas kontratatzen duten gertakizun profesionalen kudeaketa publikoa. Hego Euskal Herrian, enpresen %98 inguruk gertakizun profesionalak mutuekin kontratatzen dituztela dio Ibon Zubiela LAB sindikatuko Lan Osasuneko ordezkariak. Ondorioz, mutualitatea arduratuko da gaixotasunaren jatorria zehaztu, baja eta prestazio ekonomikoa eman, osasun arreta eta prestazio farmazeutikoa eskaini eta azkenik, alta emateaz. Gaixotasunaren jatorria zehazteak ondorengo prozesu guztia baldintza dezake, Cristina Marcosi gertatu bezala. Auto batzuen piezak errebisatzen egiten du lan eta aulki batean eserita horretan ari zela, jaiki eta belauneko hezurraren hotsa entzun zuen. Minez, mutualitateko medikuarengana jo zuen. "Heldu orduko oso ongi hartu ninduten, erradiografia bat egin zidaten eta bihurritu gogorra nuela esan. Erradiografian ez zen ikusten baina lotailu-haustura izan nezakeen susmoa zuten. Baieztatzeko erresonantzia egin beharra zegoen. Belauna horrela edukita, baja begiak itxita emango lidakeela esan zidan medikuak, baina aulkitik altxatzean egin nuenez, ezin zidala eman, beraiek politika hori zutela, altxatzean izanda ez dela lan istripua". Zenbait mutualitate jarraitzen hasi diren irizpidea da, traumatismoek eragindakoak ez diren kasuak istriputzat ez hartzea. Hala baieztatu digute Osaldetik, Osasun Eskubidearen Aldeko Elkartetik. Marcosen kasuan, lanerako ez zegoenez, familia-medikuak eman zion baja, erresonantzia egin zain. Horrek erabat aldatu zuen egoera eta itxuraz gertakizun profesionala zena gertakizun arrunt bilakatu zuen. Eta ondorioz, osasun sistema publikoak (Osakidetzak) artatu zuen, ez mutualitateak. Arruntetan, eragile ezberdinak Gertakizun profesionaletan prozesu guztia entitate berberak kudeatzen duen moduan, arruntetan hainbat eragilek hartzen dute parte, nahiz eta hitzarmena Gizarte Segurantzarekin bakarrik egin daitekeen. Marcosen kasuan ikusi bezala, osasun sistema publikoko medikuari dagokio osasun arreta eskaini eta baja ematea. Kudeaketa Gizarte Segurantzaren ardura da eta prestazio ekonomikoa ere bai, enpresak mutualitate batekin kontratatu ez badu gertakizun arruntaren kontrola. Hala bada, hari dagokio prestazio ekonomikoa eta bajan dagoen langilearen egoera kontrolatzea. Mutualitateen azken urteetako eskaria da gertakizun arruntetako baja prestazioak beraiek kudeatu behar badituzte, altak emateko eskumena izatea, eta lege berriaren zirriborroren batek alta moduko bat aurreikusten zuen. Legea onartzeko garaian, desagertu egin zen puntu hori, baina alta eman ezin duten arren alta proposamenak egin ditzakete mutualitateek. Langilearen lehen baja egunetik dute azterketa medikura deitzeko eskubidea –lehen, hamabost egun itxaron behar zituzten gutxienez– eta arrazoitu gabe joaten ez bada, prestazioa galduko du. Azterketa eginda lanera itzultzeko moduan dagoela irizten badio mutualitateak, alta proposamena egin diezaioke familia-medikuari, osasun saileko ikuskaritza medikuaren bitartez. Aldi berean, langileari eta Gizarte Segurantzari jakinarazten zaie proposamena egin dela. Familia-medikuak bost egun ditu alta eman edo proposamena ezezteko –lehen, hamabost  egun zituen horretarako–. Azken legeei esker, familia-medikuak proposamenari uko egin edo erantzuten ez badio, mutuak Gizarte Segurantzari egin diezaioke proposamen bera. Horrek lau egunen barruan erantzun behar du eta epe horretan langileari dei diezaioke azterketa medikua egiteko. Langilea agertzen ez bada, mutualitateak aztertuko du ez agertzearen arrazoia eta prestazio ekonomikoa eten ahalko du. "Babes falta dago, familia-medikua ez dago mutualitateek egiten dituzten alta proposamenak erantzuteko bakarrik. Aldiz, mutualitateko medikua baja horiek kontrolatu eta altak proposatzeko bakarrik dago. Ez daude baldintza berdinetan", dio Zubielak. Egoera horietarako, familia-medikuen eta Gizarte Segurantzakoen arteko harreman telematikoa lehenetsi da eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileek gaixoaren historia klinikora sarbidea dute. EAEn zuhurtziaz jokatu dutela azpimarratu du Osaldeko Jose Maesok: "Eusko Jaurlaritzak Errege Dekretua interpretatu eta historia klinikorako sarbidea eman zien, baina bajan dauden aldietarako bakarrik". "Zuk ez duzu gaixoaz profesional gisa eragiten dizuna baino gehiago jakin beharrik" gaineratu du elkarteko kide Mario Fernandezek. Hala ere, beste autonomia erkidego batzuetan historia osoa begiratu dezakete. Lege berriek, halaber, atea ireki diote osasun sistema publikoko itxaron zerrendak arintzeko mutualitateen baliabideak erabiltzeari. Osakidetzak edo Osasunbideak aurretik baimenduta, bajan dauden langileei beharrezko proba edo ebakuntzak egin dakizkieke, gero familia-medikuari pasatzeko eta hark ebaluatzeko. "Gertakizun profesionaletatik lortutako soberakinak Gizarte Segurantzara itzuli edo beste zerbaitetan gastatu ordez, gertakizun arruntetan gastatzea da kontua. Itxaron zerrendak gutxitzea positiboa da, baina alde negatiboa ere badu, pertsona jakin batzuen osasuna lehenesten delako: zergatik lehenetsi behar dut 45 urteko langile baten osasun arreta 85 urteko emakumearenaren aurrean?", dio Maesok. Bestelako prestazioak eta kexak Zenbait egoeratan langileak, gaixo egon gabe ere, prestaziorako eskubidea du eta prestazioetako batzuk mutualitateek kudeatzen dituzte: haurdunaldiko eta edoskitzaroko arriskua, autonomoen langabezia, eta minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeen zaintza. Maesoren esanetan, kudeaketa publikoa pribatizatzea da hori, "ez osasun arreta publikoa, baina bai kudeaketa administratibo publikoa. Gizarte Segurantzak kudeatu beharrean, mutualitateari ematen zaio eskumena". Prestazio horiekin hainbat arazo izaten dela adierazi du Zubielak: "Haurdunaldiko arriskuarenean, aztertu beharko lukete lanpostu horrek kalterik eragin diezaiekeen emakumeari eta umekiari, eta hala balitz noiztik aurrera. Hilabeteko epea dute mutualitateek eskari horri erantzuteko eta hilabete egoera horretan…". Hala ere, beste kexa batzuk ohikoagoak dira, lesio edo gaixotasunaren jatorria ez onartzea adibidez; "ia beti gertakizun arruntak dira". Horrek, gainera, lan istripu edo gaixotasunen urteroko zenbaketa erreala ez izatea ekar dezake, osasun sistema publikoan artatzen direnez arrunt gisa kontatzen direlako. Baina jatorria ez onartzearen aferan zerbait egin daiteke: familia-medikuen txostenak izango dituenez langileak, gertakizun aldaketa eska diezaioke Gizarte Segurantzari eta hark onartzen badu, mutualitateak onartu eta bajagatiko prestazioaren aldea ordaindu beharko lioke lehen egunetik. Marcosek gertakizun aldaketa eskatu zuen, baina Gizarte Segurantzak ez zion onartu eta epaitegietara jotzea zuen azken aukera. Horretarako baina, lesioa bere jardunean egin zitekeela zioen mediku txostena eta epaiketako dirua aurreratu behar zituen. Kasu asko langileek epaitegietan irabazten dituztela argitu dute Osaldekoek. Marcos ez zen haraino heldu: "Ez nuen salatu, beldurra sartzen dizutelako". Erresonantzia hiru hilabete ingurura egin zioten eta bihurritua baieztatu zen, beraz, nahikoa izan zituen errehabilitazioko hogei saio. "Hilabete eta erdi egon nintekeen bajan eta kito. Bitartean, ordea, hiruzpalau egin ditut". Gertakizun profesionaletan alta behar baino lehenago emandako kasuak ere ugari dira, Zubielaren hitzetan: "Jendea lanera bidali izan dute baita puntuekin ere. Kasu horietan oso zaila da ezer egitea, botere osoa dutelako. Gizarte Segurantzara jo daiteke, baina mutualitateak artatu zaituenez, ez duzu errekurritzeko txostenik". Halakoetan, mutualitateko medikuak Gizarte Segurantzari ordura arteko txostenak eman behar dizkio eta horko medikuak gaixoari azterketa egin beharko lioke. Gizarte Segurantzak gaixoaren alde egingo balu, bajan mantendu eta mutualitateak ordaindu beharko lioke prestazioa; mutualitatearen erabakia babestuz gero, gaixoak ez luke kobratuko lanera joan gabeko epea. Gehiegizko kontrolak ere gogoan ditu Zubielak: "Bularreko minbizia, adibidez, badakigu gutxi gorabehera urtebeteko prozesua eskatzen duen gaixotasuna dela. Bada, mutualitateek hilero jartzen diete hitzordua. Zertarako? Badakite egoera horretan ez dela lanera joango!". Kotizazioetatik finantzatutako erakundeak Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetatik finantzatzen dira mutualitateak. Erakundeon arreta zerbitzua Gizarte Segurantzako gertakizun profesionalerako kotizazio zehatzetatik finantzatzen dela argitu du Maesok, eta gertaera arruntetarako ez dago kotizazio zehatzik, edo ez behintzat zerbitzuaren beharretara egokitzen denik. Maesoren esanetan, gertakizun profesionalerako kotizazioa altuagoa da gertaera arruntekoa baino, arruntak bajak, ezintasun iraunkorra eta beste hainbat gauzatarako direlako, baina ez osasun arretarako, "hori aurrekontu orokorretatik bideratzen da". Horrek eragiten du herritarren artean hain zabaldua dagoen ikuspegia, alegia, mutualitateek zerbitzu azkarragoa eta hobea eskaintzen dutela: "Mutualitateek diote ez direla pribatuak, ez dutela interes pribaturik, ez dutela irabazi asmorik eta auditoriak egiten dizkietela. Baina iruditzen zaien moduan erabiltzen dute diru publikoa. Eta emaitzak azkarrago lortzen dituzte, eskaini behar dituzten zerbitzuetarako oso finantzaketa ona dutelako, osasun sistema publikoak ez bezala". Desberdintasun horien aurrean, gertakizun arruntak zein profesionalak Gizarte Segurantzarekin kontratatzeko deia egin dute hainbat sindikatuk, horien artean LABek. "Eredu publikoaren eta pribatuaren artean, publikoa indartu behar dugu. Gainera, osasun sistema publikoaren mesederako izango da". Helburu hori lortzeko kanpaina jarri du martxan sindikatuak eta gertaera guztiak Gizarte Segurantzarekin kontratatu ditu. Prebentzio elkarteak vs. mutualitateak 1995ean onarturiko lan arriskuen prebentzio legeak, 1997an garatutako arau baten bidez, agindu zuen enpresek lan arriskuen prebentzioa eskaini behar zutela, haiek finantzatuta. Prebentzio horren barruan sartzen dira langileei ematen zaizkien aholkuak eta aldiro egiten zaizkien mediku azterketak. Arau horren harira, mutualitateei prebentzio elkarteak sortzeko baimena eman zitzaien eta batzuek hala egin zuten. Mutualitateekin loturarik ez duten prebentziorako sozietateek 20 urte daramatzate mutualitateen lehia desleiala salatzen. Kexa horien aurrean, legediak hartutako lehen neurria izan zen sozietateok mutualitateen espazio fisiko beretik bereiztea. Arazoak bere horretan zirauen eta lege berriak ebatzi du mutualitateek ezin dutela jarraitu elkarte horiekin, saldu edo likidatu egin behar zituztela ekainaren 30a baino lehen. Zubielaren esanetan, "osasun aseguru pribatuek erosi dituzte guztiak, gauza gehiago saldu ditzaketela esan ahal izateko. Lehen heltzen ez ziren jende mordoarengana heltzen dira horrela, bezero-zorroa erosten ari dira".
news
argia-90f0bd689656
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/aita-santua-kapitalismoa-babesten.html
Aita Santua kapitalismoa babesten
Juan Mari Arregi
2015-11-22 00:00:00
Aita Santua kapitalismoa babesten Eliza katolikoaren hierarkiak beti izan dira oso diplomatikoak gobernuekiko eta sistema ekonomikoekiko euren erlazioei dagokienez, bereziki eskuinetik kudeatuta badaude. Urte asko dira komunismoa eta sistema hori ezarri duten erregimenak arbuiatzen dituztela, izena bera hizki larriz aipatuta gainera; baina sekula ez dute kapitalismoaren izenik esan. Francisco Aita Santuak, zenbait keinutan hain ausarta izanagatik, oraingoan ere ez du kapitalismoa kondenatu, nahiz eta praktika kapitalistaren ondorioez hitz egin duen. Joan den astean, Italiako ehungintza arloan dagoen "esplotazio laborala" gaitzetsi du. 2013an zazpi langile txinatar hil ziren lan egiten zuten nabe industrialak su hartu ondoren. Bertan bizi ziren, Aita Santuaren esanetan "kartoiez egindako gelatxo batean pilatuta". Eta beste hau ere esan zuen: "Bizi baldintza jasangaitzek eta esplotazioak sortutako tragedia izan zen. Bizitzak exijitzen du ustelkeriaren kontra borrokatzea amaierara arte". Aurretik, Lampedusan, "axolagabetasunaren globalizazioaren kontra" hitz egin zuen Franciscok, eta Sardinian berriz, "munduko sistema ekonomikoak sortutako" krisiaren kontra. Zergatik Aita Santuak ez du sistema kapitalista bere izenez kondenatzen? Badirudi, aurreko aita santuek bezala, lotuta dagoela ia gehienean katolikoak diren gobernu eta enpresei. Kapitalismoa bere izenez salatuz legitimazioa kendu eta alternatibak bilatzeko aukerak irekiko lituzke. Salatutako heriotzak, axolagabekeriaren globalizazioa, edo munduko ekonomia sistemak sorturiko krisia, eta ustelkeria bera, ez al dira kapitalismoaren egiturazko ondorio? Hori ez onartzea kapitalismoa babestea da.
news
argia-5915933e3a8a
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/zer-ote-euskara-normalizatzea.html
Zer ote euskara normalizatzea?
I�aki Martinez De Luna
2015-11-22 00:00:00
Zer ote euskara normalizatzea? Behin baino gehiagotan entzun dut azken urtean normalizazio kontzeptua ez dela egokia euskarari buruz dugun xedea islatzeko. Lluis Aracil-ek sortutako hizkuntza-normalizazio kontzeptua, askotan baliatu du euskararen aldeko mugimenduak. Horren adibideak dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak 1982an onartu zuen Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea eta, 1997an, Euskararen Unibertsoa Jardunaldietan bultzatu zen Hizkuntzaren Normalizaziorako Plan Estrategikoa. Hala ere, nago ez diogula pentsatu nahikorik eman bere esanahia argitzeko edo, hobeto, guk horrekin zer ulertzen dugun zehazteko. Neure buruan argi pixka bat egin nahirik, Soziolinguistika Eskuliburuaren edukietara jo dut, eta hemen jasoko diren aipuak hortik lapurtu dizkiet zenbait egileri. Zer da, bada, hizkuntza-normalizazioa? Battitu Coyosek jasotzen duenez, minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza, egoera horretatik atera eta gizarte-esparru eta funtzio guztietara hedatzeko prozesua. Bide beretik, Sánchez Carrión Txepetx -en arabera, normalizazioaren helburua hizkuntzaren garapen osoa lortzea da; alegia, garaian garaiko funtzio guztiak bete ahal izatea. Egia da, beste termino batzuk ere erabili izan direla gurean, hala nola euskara biziberritzea (EBPN, 1999), euskara sustatzea (ESEP, 2013) eta hizkuntza-berdintasuna (GFA, 2015). Galdera da nolako esanahia duten kontzeptu horiek; alegia, normalizazioaren baliokideak ote diren edo, bestela, zein den, kasuan kasu, termino bakoitzak jomugatzat jartzen duen asmoa. Zein da, erabiltzen den terminoa edozein dela ere, lortu nahi ditugun maila soziolinguistikoa eta politiko-juridikoa? Ondoren laburbiltzen dira Imanol Larrea eta Paul Bilbaok hizkuntza gutxitu baterako aurreikus dituzten aukerak. Gutxieneko helburu soziolinguistikoa litzateke euskarak erabilera eremu guztiak bere egin dezan. Helburu ertaina: aurreko mailari gehitzea euskaraz ez dakiten herritarrak elebiduntzea. Gehienezko helburua: aurreko biak eta aloglotak (beste hizkuntza bat duten etorkinak) gure hiztun-komunitatean integratzea. Eta ondoren datoz marko politiko-juridikoaren gainean aipatzen dituzten hiru aukerak. Gutxienekoa: nahi dutenek hizkuntza gutxitua alor guztietan erabili ahal izatea; hots, hizkuntza-eskubideak bermatzea. Ertaina: aurrekoari gehitu hizkuntza gutxitua erakunde guztien hizkuntza ofiziala izatea. Gehienezkoa: hizkuntza gutxitua hizkuntza ofizial bakarra bihurtzea. Normalizatzea deitu edo beste zerbait deitu, zer da, utopia eta errealismoaren artean kokatuz, euskararentzat lortu nahi duguna? Badugu zer pentsa eta hausnartu.
news
argia-6dd969c3a56f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/viviane-michel-quebeceko-emakume-autoktonoen-federazioko-burua.html
�Gobernuak planteaturiko bortizkeria sistemiko eta instituzionala bizi dugu�
Jenofa Berhokoirigoin
2015-11-22 00:00:00
�Gobernuak planteaturiko bortizkeria sistemiko eta instituzionala bizi dugu� Isilean atxiki nahia plazaratzen dabil Viviane Michel. Ahal duen aldi oro galdera berdina luzatzen dabil: "Nolaz hainbeste emakume autoktono desagerturik edota erailik? ". Erantzuna argi du: arazoa sistemikoa da eta kolonizazioaren emaitza da. Baina erantzuleen ahotik entzun nahi du erantzuna. Erronkak autoktono gisa, erronkak emakume gisa eta bi identitateak batuz, erronkak emakume autoktono gisa. Bai, argi da. Bi zapalkuntza horiek pairatzen ditugu egunerokoan. Adibide argienetarikoa dugu emakume autoktonoen desagerpenena ala erailketena. Autoktonoak gara eta gainera emakumeak. Arazo honen berri ematean diskriminazioa eta arrazismoa jasotzen ditugu erantzun gisa.  30 urtez, 1.100 emakume autoktono erailik ala desagerturik Kanadan. 1.186 hain zuzen. Problematika larria dugu hori eta ezingo dugu konpondu gobernuak egoerari serioski begiratuko ez dueino. Badu urteak inkesta publiko bat eskatzen gabiltzala, argitzeko nolaz eta nola neska autoktono gazteak desagertzen diren. Inkestak argira ekarri lezake ere komunitateetako egoera orokorra: gainpopulazioa, etxebizitzen urritasuna, bortizkeria eta abar. Guztia lotua da, anitz emakume doaz komunitateetatik, anitz dira ere droga kontsumoan erortzen eta horren haritik prostituzioan. 1.186 emakume desagerturik ala erailik. Eta haien buruaz beste egiten dutenak, zer? Erantzunik gabeko desagerpenak dira horiek ere.  Kanadako Jendarmeriaren zenbakiak dira horiek.  Iaz plazaratu zituen zenbaki horiek. Baina adibidez, Quebeci doakionez, zenbakiak oso ñimiñoak ziren, haien zenbakia anitzez gainditzen dugu. Dena dela, guk ez dugu ikerketa kuantitatibo bat nahi, zenbaki gehiegi daude. Bizi batzuez ari gara, lapurturiko bizi batzuei buruz! Bizi horietaz hitz egin nahi dugu, desagertu eta erail horien familiei buruz. Drama horien gibelean gordetzen diren arazoei buruz hitz egin nahi dugu.  Arazoa sistemikoa da. Argi da eta kolonizazioaren emaitza da. Gure bizia ez da gure esku, gure bizimodua ez da gurea, antzeztuz bizirauten saiatzen gara. Gobernuak planteaturiko bortizkeria sistemiko eta instituzionala bizi dugu egunerokoan. Barnetegien gertakizun lazgarria ezin ez aipa. Kolonizazioaren historia ezin dugu aipatu barnetegien desmasia aipatu gabe [1820 urtetik 1996 urtera, Kanadako gobernuak autoktonoen umeak familiei bahitu eta barnetegietan ezarri zituen, haien asimilatzeko eta ebanjelizatzeko]. Hamabost ala hogei urte pasatzen zituzten bertan umeek, haien familietarik erabat urrundurik. Eraso fisikoak, psikologikoak eta sexualak jaso zituzten. Haien hizkuntzaz hitz egitea debekatua zitzaien. Haien larrua torratu behar zuten, zuria bilaka zedin. Ikaragarriko kolpea zen barnetegiena. Gobernuak gure desagerpena zuen xede, genozidioei pentsarazten dit. Barnetegietatik itzultzeak ere drastikoak izan ziren, umeek gurasoekiko amorrua eta aiherkundea bizi zutelako eta gurasoek berriz kulpabilitate sentimendua zutelako. Baina diozun gisara, zeini interesatzen zaio zuen errealitatea? Horregatik ere legoke interesgarria inkesta publikoa. Lehen Nazioek dutelarik zer edo zer adierazten, inor ez delako parean, gurea entzuteko ala mezua pasarazteko.  Erailketen %60 eta desagerpenen %70 hirietan gertatzen dira, gutxiengoa berriz komunitateetan. Erasotzaileak nor dira? Nahiko nuke erantzuna jakin. Azken hogei urteetan problematika berri batzuei aurre egin behar dugu; hirietan antolaturiko emakumeen salerostea da horietariko bat. Kitorik den bortizkeria bati zabaltzen dizkio ateak eta bistan da, emakume autoktonook jopuntu hoberena gara harrapari horientzat. Adibidez, Kichianchigi komunitateko bi neskaren desagerpena proxeneta batzuek burutu zutela argitu digu berriki Justiziak. Nola doa justizia?  Oso poliki, polikiegi.  Gobernuak zergatik ez du inkesta publikorik nahi? Inkestak erakutsiko lukeelako Kanadak ez dituela Lehen Nazioei begira dituen betebeharrak betetzen. Ahantziriko eta lurperaturikoa den populua gara. Ez dut biktima batentzat pasa nahi. Badu mendeak ezagupena aldarrikatzen gabiltzala, eta oraindik gabiltza aitortzarik gabe. Autodefentsa estrategiak zein dituzue? Problematika horri buruzko sentsibilizazio eta hezkuntza lan handia egiten dabiltza anitz emakume. Martxak, manifestazioak, tailerrak. Autodefentsa tailerrak ere egiten dira komunitate batzuetan. Autoktonoen esku ez diren egiturekin aliantzak egiteko asmoa ere hor dugu. Desagertuen ala erailen familiak elkartu ziren iragan apirilean. Oso positiboa izan zen topaketa. Noski, haien pena elkarrekin partekatu ahal izan zuten. Baina, ez genuen terapiari mugatu nahi, sare bat osatu zuten haien artean. Urrats-bide judizialari buruzko aholku eta jakintza partekatze anitz izan zituzten. Elkartekoei ere gomendio batzuk eman zizkiguten. Haien toki propioa ukan nahi dute borroka honetan, gurekin batera ibili nahi dute. Ez dute nahi haien izenean mintza gaitezen. Horretan gabiltza.
news
argia-b5df52d14018
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/liburua.html
Zintzo jokatzea
Aritz Galarraga
2015-11-22 00:00:00
Zintzo jokatzea Euskal literaturan nobelagile gisa da ezaguna Ramon Saizarbitoria. Hori gogoratzen digu hegalean eskuartean dugun liburuak, orotariko saiakera laburrak biltzen dituen bilduma batean argitaratu zenak. Liburu arraroa da, beraz, idazlearen bibliografian bederen: 1970eko Mendebaleko ekonomiaren historia hartatik ez baitu saiorik egin; gerora ere ez, guk dakigula, ez behintzat berak bakarrik sinatutakorik. Eta ekonomia kontuak urrun, idazlea kezkatzen duten gure errealitate soziokulturalaren alderdi zenbait larrutzen dira Aberriaren alde (eta kontra) honetan. Zenbait, ugari, baina harritu naute euskararen inguruan ari direlako horietako ez gutxi. Felipe Juaristik bazekien, eta ez zuen liburua irakurtzeko batere asmorik: "gogait gaizto egina bainago euskarari buruzko eta euskararen inguruko gaiei buruzko eztabaidez. Egiago esatera, euskararen gainetik nabil aspaldi honetan, aingeruak bezala hegan". Eskerrak tarteka oinak lurrean izaten ditugun. Bai, ze, euskararen ingurukoak izango dira hemen larrutzen diren alderdietako ez gutxi –"geure egoera zehatzari ahalik eta estuen egokitutako konponbideak aurkitzeko gai izan beharko ginateke"–, literaturari buruzkoak beste batzuk –"ez dut uste hobea denik irakurtzea, edozer gauza irakurtzea, eta azken finean, gauza txar bat irakurtzea, telezaborra ikustea baino"–  eta, tituluari men eginez, abertzaletasunaren gainekoak ere badaude –"gure nazionalismoak okerrera egin du, kultura menderatu baten defentsatik, ezaugarri etnizistak erakusteraino"–. Mutur bateko zein bestekoei haserrea pitz diezaioketen kontuak; ez, bereziki, idazlea erdian jarri zale delako, ez ekidistantziagatik, ez bada fatalitate hutsagatik, "kontrakoari neurri bereko alderdi positiboak ikusi gabe egitea" eragozten dion halabeharragatik. Ezin kontu guztiekin bat etorri, hartara. Markos Zapiainek esan zuen, 2000ko kritika batean: "Ezinezkoa da Saizarbitoriarekin erabat ados egotea, baina ezinezkoa da halaber punturen batean bederen bat ez etortzea". Kontu guztiak dira, ordea, eztabaida pizgarri. Eta, azkenerako, esango nuke hausnarketek eurek bezainbat erakarri nautela hausnarketak plazaratzeko moduak, gogoak, jarrerak. Nire ustean esaldi honetan laburbiltzen direnak: "Geure buruarekin zintzo jokatzea; hori da, beraz, kontsigna". Idazlearen bibliografian arraroa den liburu hau argitaratu zen bildumaz, Zerberri sailaz, zer esan: faltan dudala, hitz-jario neurrigabea nagusi den garaiotan, berritsukeria gailendu den sasoian, ehun orrialderen bueltan gogoeta egiten duten liburu patxadatsu, jakingarri, eskurakoak. Saizarbitoriaren pieza bakan honen gisakoak.
news
argia-8d0b5819d462
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/sergio-yahni.html
�Israeli Boikot egitea da krimenak ordainarazteko egitura eraginkor bakarra�
Axier Lopez
2015-11-22 00:00:00
�Israeli Boikot egitea da krimenak ordainarazteko egitura eraginkor bakarra� 12 urte zituela heldu zen familiarekin batera Argentinatik Jerusalemera Sergio Yahni. Ordutik ezkerreko mugimenduekin batera lanean aritu da Palestinako okupazioaren eta apartheidaren aurka. Lau aldiz kartzelan izan da Israelgo armada desobeditzeagatik. Palestinarrek eta israeldarrek osatutako Alternative Information Center (AIC) hedabideko zuzendaria da 1992tik. Askapenaren aurkako epaiketan testigantza eman ostean etorri da Iruñera. Nolakoa da Palestinan kazetaritza egitea? Eguneroko lanean traba gutxi topatzen duzu. Bada jendea kazetariak gustuko ez dituena, beste batzuek oihuren bat botatzen dizute, badira jarrera oldarkorra duten soldaduak, baina halere lan egiteko eta informatzeko askatasuna dugu. Zergatik? Erabateko inpunitatea dutela jakitun direlako. Beste herrialdeak zenbait kontu ezkutatzen saiatzen dira, Israel ez. Nola ikusten duzu Israelgo panorama komunikatiboa? Informazioa negozio bilakatu zutenean, egia erlatiboa izatera pasa zen. Hedabide handiak negoziorako egiturak dira eta ikusle-ratioa handitzeko lehia basatia dute haien artean. Oso bide sinpleak erabiltzen dituzte horretarako: zirikatzea, sasi-informazioa eskaintzea, nazionalismoa sustatzea, histeria faltsuak sortzea edo, zuzenean, gezurra esatea.  Zer ari da gertatzen Jerusalemen? Urrian labanaz egindako zenbait eraso gertatu ziren bi krisik eraginda. Aurrena, irailaren hasieran, Dawabcheh sendiaren hilketak eragin zuen. Kolonoen komando batek haien etxeari su eman zion familia barruan zela. Defentsa ministerioak adierazi zuen bazekiela zeintzuk izan ziren egileak, baina ez zituztela epaituko, hala eginez gero informazioa lortzeko darabiltzaten bitarteko informatikoen berri eman beharko zuelako. Hau da, bizitzak, palestinarra bada, ez du ezertxo ere balio. Hori izan zen jendea kalera ateratzeko arrazoietako bat. Bigarren krisialdia piztu zuen Al-Aqsa meskitarekiko Israelek hartu dituen politika berriak. Testuinguru horrek eragin ditu erasoak eta, egunen joan etorriarekin batera, histeria egoera sortu da. Ez da kontu politikoa, Jerusalemgo herritar israeldarrak beldur dira. Nik egiten dizkiot erosketak amaginarrebari edo berak telefonoz eskatzen ditu, kalera ateratzeko beldurrak jota baita. Izu giroaren errudunetako bat komunikabideak dira. Okupazioaren ondorioei klase gatazka gehitu behar zaie.  Bi komunitateak batera bizi dira Jerusalemen: israeldarrak (kolonoak barne) eta palestinarrak. Gizartea pobrea da, oro har, bi aldeetan. Palestinarren %80 pobrezian bizi da eta juduentzako zerbitzuetan egiten dute lan. Hor garatzen da egungo etnia-arteko borroka. Zergatik labanaz eraso egin? Ez al da suizidioa? Bai. Palestinan poliziaren aurrean labana ateratzen baduzu, badakizu ez zarela onik aterako. Egun bizitzen ari garena biolentziaren pertsonalizazioa da. Halere, azpimarratu nahi dut uste baino gutxiago izan direla erasoak. Nire kalkuluen arabera, kasuen erdia baino ez dira egiazko erasoak izan. Gainerako guztiak "positibo faltsuak" izan dira –tartean hildakoak egote hutsagatik eraso terroristatzat saltzen dituzten gertaerak–. Afera da antolakunde politikoek sinesgarritasuna galdu dutela. Guztiz antzua da Palestinako Agintearen (PA) estrategia diplomatikoa –Nazio Batuen Erakundean eta Arabiar Ligan eragiteko bideratua– eta bien bitartean egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Jerusalem galdutzat eman dute. Hamasek bere lurralde-kontraesana konpondu nahi du. Eta historikoki oso kolpatua izan den ezkerrak ez du gaitasunik lidergora heltzeko. Labankadek ez diote estrategia bati jarraitzen, erantzun herrikoiaren isla izan dira, eta horrek agerian utzi du, hain zuzen, estrategia politikoaren falta. Noiz arte luzatu dezakete bide diplomatikoa? APri buruz ari garenean, burokraziaz eta Palestinako herri mugimenduaren aurkako errepresioaren kolaborazioaz ari gara. Asko du galtzeko. Jerusalemen labanak ditugu mintzagai, eta Zisjordanian, berriz, APk zapaldu dituen manifestazio erraldoiei buruz hitz egin beharko genuke. Palestinako gizartean interes ekonomiko handiak dituzten zenbait taldek lotura estua dute APrekin eta horregatik Abu Mazen saiatzen ari da egungo egoera ahalik eta gehien luzatzen. Bide hori ez da egiazko alternatiba. Are gutxiago kontuan izanik Israelek oso argi adierazi duela Palestinarekin negoziatzeko inolako asmorik ez duela. Gaza Hamasen esku dagoen sabairik gabeko kartzela izatea politikoki errentagarria al da Israelentzat?  Gaitzik txikiena da Israelentzat. Nazioarteko komunitateak Israeli erabateko zigorgabetasuna eman dio. Inork ez zuen ezertxo ere egin iaz Gazaren aurka egindako eraso militarraren aurrean –2.000 lagun hil zituzten–. Hau da, ziklikoak diren erasoek sortzen dien kostu politikoa txikiagoa da beste edozein alternatiba eraikitzea baino, nazioarteko komunitateak ez baitio inolako kostu edo baliorik ematen palestinarren bizitzei. Horretan du garrantzia BDZ mugimenduak (Boikot, Desinbertsioa eta Zigorrak). BDZ da Israeli krimenak ordainarazteko egun dagoen egitura eraginkor bakarra. Eragin handiagoa edo txikiagoa izan dezake, baina boikota eta zigorrak dira geratzen zaigun bakarra. Ez dirudi Palestinako ezkerrak burua jasotzen duenik. Fatah eta Hamas artean harrapatuta dago. Barne gatazkak garrantzi handiagoa du okupazioaren aurkako borrokak baino. Ezkerrak indar handia duen lekuak badira ere –Hebron edo Al-Aida errefuxiatu eremua kasu–, Hamas/Fatah bipolaritateak eragozten du ezkerrak maila nazionalean lekua egitea. Adibidez, ezkerrak gaur egun Gazan indarra badu ere, lehen Intifadaren garaian botere hegemonikoa izan zen, baita Zisjordaniako unibertsitateetan ere. Erresistentzia zen ezkerraren lekua, horregatik Israelek ezkerreko mugimenduetara bideratu zituen kolpeak. Lehen eta bigarren Intifaden artean beren koadroen bi herenak galdu zituztela esango nuke. Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF) kide egitea zen heriotzarako biderik laburrena. Herri Frontea eta ezkerreko mugimenduak ez ziren bakezaleak, baina ez zuten inoiz gerrillaren bidea hartu. Herri borroka zen, eta testuinguru horretan militanteak hiltzen, atxilotzen, deportatzen… mugimendua indargabetu zuten. Ia miraria da gaur egun mugimenduak bizirik jarraitzea. Eta Israelgo ezkerra, halakorik ba al da? Garrantzirik gabeko mailetara txikitu da ezker judua. Sionismo barruko indarren metaketak isolatuta utzi du eta, gatazkari dagokionez, ezkerra eraginik gabeko aldagaia da gaur egun. Israelgo presidente Benjamin Netanyahuk Holokaustoaren egiletza intelektuala palestinarrei egotzi die. Zergatik? Esan zuen, berez, Hitlerrek ez zituela juduak akabatu nahi, palestinar batek konbentzituta egin zuela. Holokaustoaren erabilera harago doa. Historialari batek esan zuen behin: "historia guztia historia garaikidea da". Eta egun Europan ikusten ari gara. Giro kontserbadoreetan esaten ari dira Islama izan dela beti etsaia. Kontua ez da gaur egun Islama etsai koiunturala izatea, baizik eta Islama kristautasunaren eta juduen etsai esentziala dela adieraztea.  Henri Levy talka esentzialaz mintzo da. Hain da esentziala ezen Holokaustoaren ideia Islamaren asmoa dela esaten dute, edo, are okerragoa dena, palestinarren ideia dela. Beraz, Jerusalemgo labankaden kasuak Holokaustoaren jarraipena besterik ez dira, zibilizazio judukristauaren aurkako gorroto esentzialaren ondorioa. Hau da, errealitatea hankaz gora aurkeztu nahi dute. Juduak jopuntuan jartzeari utzi dion eskuin mutur atzerakoiari zilegitasuna ematen ari dira. Horregatik, adibidez, Marine Le Penek bere aita bota zuen Frantziako Fronte Nazionaletik, azken honek ez baitzuen ulertu egun arazoa ez direla juduak, arabiarrak baizik. Berdina gertatzen ari da lehen Hyderren esku zegoen Austriako Freedom Party alderdian. Historia nahieran moldatzen ari dira gaur politikoki errentagarri gerta dakien. Eta hau ez da soilik Israeli eta Netanyahuri dagokien kontua. Netanyahu da horrelakorik esan dezakeen bakarra, beste batek hori esan izan balu legez kanpokotzat hartuko litzateke-eta. Alemaniako buruzagi politikoren batek esango balu Hitler ez zela erruduna izan, segituan hartuko lukete preso. Hori Holokaustoa ukatzea baita. Zer gertatu behar da herrialde arabiarrek erreakziona dezaten? Herrialde arabiarrak erantzuten ari dira. Mundu arabiarrean ez dago egonkortasunik, kolapsatu egin da. Trantsizio egoeran dago eta inork ez daki norantz. Ez dakigu zer gertatuko den Sirian, zein bide hartuko duen Egiptok… Oso trantsizio odoltsua izaten ari da. Eta horiek ez dira berri onak Israelentzat. Europako ezker instituzionalaren gehiengoak, baita Euskal Herrikoak ere, bi estatuen irtenbidea bere egin du.  Palestinako gatazkaren arazoa ez da aritmetikoa, erregimen arazoa da. Erregimen sionista aldatu ezean, estatu bat do biren inguruko eztabaida guztiz hutsala da. Begiratu Hegoafrikan gertatutakoa, erregimena aldatzearekin batera etorri zen demokrazia. Horregatik gu erresistentzia partekatuaz [corresistencia erabili du gaztelaniaz] mintzo gara. Okupazioa eta apartheidaren aurkako borroka palestinarraz gain, erregimen aldaketa lortzeko borrokak israeldarrena ere izan behar du. Borroka horrek bildu behar ditu Israelgo indar demokratikoak, txikitxoak izanik ere, baita gutxiengo etnikoak ere. Tel-Aviven etiopiarra izatea ez da kontu erraza; halaxe erakutsi dute poliziarekin borrokan amaitu duten etiopiarren manifestazioek. Jatorri arabiarreko judua izatea ere ez da xamurra. Erresistentzia bateratua behar dugu. Hamar urteko ibilbidea du BDZ ekimenak. Nola ikusten duzu egun? BDZrik gabeko bideren bat proposatzen duen edonori ondorengoa galdetuko nioke: "hik Israeli nola eskatu nahi dion/k erantzukizuna eragin dituen hildako, zauritu, preso eta galdutako bizitza –hiltzea ez baita beharrekoa bizitza galtzeko– saldoarengatik?". Horren aurrean zera dio nazioarteko komunitateak: "tira, negoziatu beharra dago". Zer negoziatu, ordea?! NBEren Justizia Auzitegiaren ebazpena oso argia da. Beraz, non da nazioarteko legedia? Horrexegatik orain dela 10 urte gizarte zibila agertu zen plazara kontu eske. BDZ oinarrizko tresna da etorkizuneko edozein motatako konponbideri begira. BDZ ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Mobilizazio molde eta elkartasuna adierazteko bide berriak behar ditugu; nazioarteko elkartasun brigada gehiago Palestinara eramatea, kontzientzia handitzeko bideak sortzea, eta abar. Baina hori guztia ezin da egin BDZrik gabe, Israeli boikot egin gabe. Nolakoa izan da Espainiako Auzitegi Nazionalera egindako bisita? Surrealista xamarra. Madrilgo aldirietako industriagune­ batean dago. Ez dakizu oso ondo ea Auzitegi Nazionala den ala Mercedes Benzeko kontzesionarioa. Oso espazio bitxia da. Ni hara joan nintzen BDZri buruzko argibideak ematera. Fiskaltzak zioen ETAren asmakuntza izan zela BDZ kanpaina. Nire testigantzaren bitartez azaldu nuen Palestinako komunitate zibilak noiz, nola eta zergatik egin zion dei nazioarteko komunitateari Israeli boikot, desinbertsioak eta zigorrak egiteko.
news
argia-b676fee988de
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/lezaun-abartzuza-eta-zudairi.html
D ereduaren epika
Garazi Zabaleta
2015-11-22 00:00:00
D ereduaren epika Nafarroako hiru eskolak D ereduan hasi dute ikasturte berria lehen aldiz. Abartzuzako, Lezaungo eta Zudairiko Haur Hezkuntzako klaseetan euskarak bere tokia hartu du azkenean, eskolen eta gurasoen urteetako borrokari esker, eta Gobernu aldaketak lagunduta. "Ikasturte hasierak beti izaten dira zirraragarriak, baina gaurkoa bereziki hunkigarria izan da. Hainbeste aldarrikatu eta amestu duguna, egia bihurtu da: Abartzuzan badugu D eredua!". Honela hasten da Abartzuzako eskolako blogeko irailaren 10eko sarrera. Izan ere, hiru eskoletako langile eta gurasoek poz handiz hartu dute berria, "erabat hunkituta eta sinetsi ezinik".   Nafarroako euskararen zonifikazioak eremu mistoan kokatu zituen Lezaun eta Abartzuza, eta Zudairik osatzen duen Ameskoabarrena Udalerria, berriz, eremu ez-euskaldunean. Legez, eta Nafarroako Parlamentuak otsailean Euskararen Legean egindako aldaketari esker, hiru eskolek bazuten D eredua martxan jartzeko eskubidea gurasoek hala eskatzen bazuten. UPNren Gobernuak etengabe jarritako oztopoen ondorioz, ordea, eskolei ezinezko izan zaie gehiengoaren borondatea aurrera ateratzea: "Urte luzez egon da D ereduaren eskaera, baina buruarekin paretaren kontra ematea bezala zen", dio Laura Irigoyen Zudairiko eskolako amak. Hiru eskoletako gurasoek salatu dute ezinezko zitzaiela haurrak eredu euskaldunean matrikulatzea. Tranpa honakoa zen: matrikulazioak egiterakoan, programa informatikoak ez zuen D eredua hautatzeko aukerarik ematen. Gurasoek D ereduan matrikulatzeko hautua egiten bazuten ere, ezin zuten aldaketa hori formalizatu, eta praktikan zeuden eskaera guztiak ez ziren inon jasota gelditzen. Eskola txikia edo euskara, biak ez Aukeratu beharra. Hori da bai Lezaunen bai Abartzuzan azpimarratu dutena. Gurasoek erabakia hartu beharra zuten: herriko eskola txikira bidali haurrak euskarazko hezkuntza sakrifikatuta, edo Lizarrako eskolan matrikulatu D ereduan, baina eskola txikietako hezkuntza eredua alde batera utzita. Kalen Artze Abartzuzako eskolako zuzendariak argi azaltzen du, gurasoek apustu egin beharra zutela, hezkuntza ereduaren alde edo hizkuntza ereduaren alde. "Biak ez ziren pakete berean sartzen". Erabaki gogorra zen gurasoentzat. Haietako asko herri handiagoetatik herritxo horietara mugitu ziren bestelako bizitza baten bila, eta seme-alabak herri handiko eskolan matrikulatzeak ez zuen zentzurik haientzat: "Horretarako Iruñean gelditu izanen ginen, D eredua etxe atarian geneukan", azaldu du Vicky Briongos Abartzuzako eskolako gurasoak. Landa eremuko eskola txikia hezkuntza idealera gehien hurbiltzen den eredua dela uste du Artzek: "Gurasoen inplikazioa oso handia da, herriari eman eta berarengandik jaso egiten du eskolak. Gainera, haurren interes eta beharrizanak kanalizatzea errazagoa da, eta hainbat adinetako haurren arteko interakzioa benetan aberasgarria da". Lezaungo eskolan, Abartzuzako kasuaren antzera, urteetan guraso askok herriko eskola txikia bizirik mantentzeko hautua egin eta haurrak bertan matrikulatzen zituzten. Azken urteetan, berriz, jaiotza tasa baxuak eraginda eta gurasoek haurrak D ereduan matrikulatzea lehenesten zutelako, eskola txikia arrisku larrian zegoen. Elena Urabaien zuzendariak garbi du egoera zein zen: "Edo D eredua sartzen genuen, edo eskola itxi egingo zen". Elkarlanaren eta batasunaren emaitza Gurasoek egindako lana goraipatzen du Kalen Artze Abartzuzako eskolako zuzendariak. Eta aldi berean, gurasoek hitz onak besterik ez dituzte eskolarentzat, "izandako jarreragatik eta etengabe emandako babesagatik". Elkarlanaren eta alde guztiak batzearen arrakasta baita eskola horietan D eredua lortzearen emaitza: gurasoak, eskolak eta Udalak, elkarrekin. Zudairiko eskolako gurasoek, Lezaungoen eta Abartzuzakoen urratsak jarraituz, Ameskoabarrenako kontzeju eta udal guztien instantziak aurkeztu zituzten Hezkuntza Departamenduan, D eredua eskatuz. Ainara Gallego eskolako amak azaldu duenez, otsailean Euskararen Legea aldatu izanak gurasoen artean itxaropena eta gogoa berpiztu zituen, eta berriz biltzen hasteko indarra eman zien. Gobernu aldaketarekin, benetako aukera zabaldu zela ikusi zuten. Bestalde, eskoletan Lehen Hezkuntzan A ereduan matrikulatutako haurren gurasoak ere inplikatuta egon dira borroka horretan. Horietako asko penaz gelditu dira D eredua lehenago lortu ez eta haien seme-alabek aukera galdu dutelako. "Orain arte gertatzen ari zena 'antinatura' zen, denok nahi genuen D eredua", dio Lizarragak, Lezaungo eskolako amak.
news
argia-31d7106f020f
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/antonio-banos-cupeko-parlamentaria.html
�Borroka nazionala uzteko gogoa daukagu, politika nazionala egiteko�
Aritz Galarraga
2015-11-22 00:00:00
�Borroka nazionala uzteko gogoa daukagu, politika nazionala egiteko� Kataluniak aspaldian bizi izan duen unerik interesgarrienean harrapatu dugu Antonio Baños. Parlamentuak deklarazio bat onartu berri, errepublika independente bat egiteko borondatea adieraziz eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala ilegala dela esanaz. Baina Gobernua osatu gabe, oraindik, Artur Mas hautagaiak ez baitu lortu babes nahikorik. Batzuek eman dute epaia dagoeneko: hauteskundeak martxoaren 6an.  Bada, oker daude. Ez dago ezer erabakita. Martxoaren 6koa eszenatoki bat da, noski, gerta daitekeena, beste gauza asko bezala. Baina ez da desiragarria, inorentzat ez. Eta ez denez desiragarria, egingo denik ezin da ziurtzat eman; kontrakoa, denok saiatzen ari gara hori ekiditen. Mas presidente egin edo prozesuaren amaieraren artean, alternatiba asko dago.  Guk uste dugu alternatibak badaudela. Gainera, dikotomia horretan sartu egin gaituzte. Batetik, Convergència Democràtica de Catalunyak (CDC), noski, beren hautagaia presidente izatea nahi dutelako; eta, gero, askotariko interesek. Guk beti esan dugu Mas presidente gisa, hau da, kontseilariak izendatzen dituen Gobernuko agintari nagusi gisa bozkatzearen, eta apokalipsi itxura duten hauteskunde aurreratuen eszenatokiaren artean, aukerak daudela, aukera hobeak, independentismoa indartzen dutenak. Zein litzateke egokiena CUPentzat? Gobernu indartsua nahi dugu, egunetik egunera urgentziazkoagoak diren erronka sozialei eta Espainiako Estatuaren erasoei aurre egingo diena. Eta horretarako kontsentsuzko presidentea behar da, gobernu zabala, demokrazia kristautik antikapitalismora doazen 72 diputatuak osoki ordezkatuko dituena. Gobernuak talde jakin batengana hartzen badu jaidura, ahuldu egiten da, gehitu behar den jendea ez delako gehituko. Ariketa zail eta labaina egin beharra dago, beraz, kontsentsua aurkitzeko, 72 diputatuak eta bozka eman dieten jendea mantenduko dituena, eta independentisten oinarria zabal dezakeena. Ondo ateratzen bada gainera, eta ondo aterako da, Gobernuak erronka guztiei aurre egiteko gaitasuna izango du. Masen izena, azken batean, anekdotikoa ez ote den; azkenean CDCko beste presidente bat aukeratzeko prest agertu zarete. CDCri alternatiba den guztia gustatzen zaigu guri. Ideologikoki talka egiten dugu, eta eguneroko borroka politikoan, CDCk azken urteetan garatu dituen politikekin. Esaten dute Espainiako gobernuak behartuta egin dituztela politika batzuk, eta arrazoi guztia dute. Baina beste batzuk oso gustura egin dituzte, eta zerbitzu publikoen pribatizazio proiektuak izan dira, modu ideologiko batean egin dituztenak. CDCren politikak ez zaizkigu gustatzen. Eta Mas sinboloa da, onerako eta txarrerako. Independentista den jende askorentzat sinbolo bat da, eta batzuek independentista jarraitzen dute izaten Masengatik. Baina era berean jende asko ez da egingo independentista Masek alde egiten ez duen arte, ordezkatzen baitu Kataluniako klase popularren txikitzea. Guk dioguna da: ez ditzagun sinboloak suntsitu, gainditu ditzagun, egin dezagun beste gauza bat. Eta jendeak inoiz baino gardentasun handiena eskatzen duen honetan, zer dela eta ezkutukeria hori negoziazioetan? Gisa honetako negoziazioek diskretuak behar dute izan, konfiantzan oinarritzen direlako. Guk esan dugu hitz egiten ari garena ez dugula azalduko, eta ez gara egiten ari, eta aldiz filtrazioak daude alde guztietatik, nori egotzi ez dakigunak. Konfiantza eta diskrezio gehiago dagoen neurrian, azkarrago egiten da aurrera, hitz egin dezakezulako askatasun, naturaltasun handiagoarekin. Behin bukatutakoan, dena esplikatu behar da, noski, eta bilatu behar da CUPeko jendearen bermea eta berrespena. Esan dugu erabakia asanblada batean hartuko dela. Baina bestela hasten dira intoxikazioak, independentzia nahi ez dutenen lana errazten dutenak.  Arazoaren 9ko deklarazioa: berebiziko garrantzia ematen dionik bada, baina baita propaganda neurri dela uste duenik ere. Zenbateraino da garrantzitsua? Oso erabakigarria da, lehenik Junts pel sí-ren eta gure bide orrian zihoalako, hasieratik argi utzi behar genuen hau ez dela beste legegintzaldi autonomiko bat, eraikuntza nazionaleko legegintzaldi batean geundela. Legealdi hau ohiz kanpokoa dela. Eta lehen egunean ez baduzu esaten, modu argi eta fermu batean, hasiko ginateke pentsatzen beste gauza batean gaudela. Kontu garrantzitsuak esaten dira bertan, ondorio juridiko-politikoak izango dituzten kontuak, ez da inork kasurik egiten ez dion beste soberania deklarazio bat. Auzitegi Konstituzionalak seriotan hartu duela ikusi dugu, gauza serioa delako. Eta gainera desobedientziaren arreta Auzitegi Konstituzionalean jarri dugu, izan zezakeen izen ona erabat galdu duen instituzio izu emangarri batean, salbuespen egoera eragiteko gaitasuna duena. Oso serioa da talka, eta guk nabarmendu nahi dugu.  Lege ondorioak izango ditu, beraz; aipatzen dira inabilitazioak. Baina esaten badugu ez diogula kasurik egingo Auzitegi Konstituzionalari, eta Auzitegi Konstituzionalak agintzen baditu inabilitazioak, logikak eramaten gaitu esatera ez dugula agindu hori obedituko. Gauza paradoxikoak ere gerta daitezke: nor inabilitatuko duzu, baiezkoa bozkatu dutenak? Eta norbait abstenitu izan balitz, erdi-inabilitatua izango zen? Ikusiko dugu zer egiten duten, Auzitegi Konstituzionalak beti harritzen gaitu halakoetan. Egiten dutenaren arabera erantzungo dugu guk. Deklarazio horrek Madrilgo indar kontserbatzaileak indartu ditu? Ez dugu Kataluniako errepublika egin nahi Madrilen PPk irabaz dezan. Kontrara, arduratzen gaitu Espainiako indar progresistek eta jende normalak, ez diegu desio inondik inora PPren gobernua. Eta pentsatzen dugu, aldiz, Kataluniako desobedientzia, ahalduntze, soberania ekintza hauek, ekarri beharko luketela espainiarren artean, are orain bozka ematera doazela, 78ko erregimena eraldatzeko nahia. Egin daiteke, herritarren mobilizazioekin, ahalduntzearekin, eta instituzioak soberanoak direla sinestearekin. Gu onik ateratzen bagara, jende askok Espainian, Madrilgo prentsak dioenaren aurka, pentsatuko du bideak badaudela instituzioetan sartzeko eta eraldatzeko. Eta katalanen botoen %50 gabe abia zitekeen halako bide bat? Botoen %55 izan bagenu, azaroaren 9ko deklarazioa beste modu batekoa izango zen, errepublika katalanaren aldarrikapena izango zen. Hori ezin dugu egin, eta beste gauza bat egin dugu. Deklarazio bat da: hemendik aurrera, gehiengo independentista duen ganbera honek, soberaniaren eraikuntza abiatzen du. Ez da gauza bera, baina aski fermua da. Batzuen ustez, irailaren 27ko hauteskundeek utzi zuten agindu demokratikoa erreferendum bat egitea da, nahiz izan Kataluniako legeen barrukoa. Askoz babes handiagoa luke, hasteko. CUPi eman zioten agindua ez zen erreferendum bat egitekoa, errepublika bat sortzera gentozen hona, argi eta garbi. Agindu horri gehitu behar diozu Junts pel sí koalizioko boto emaileena: independentziaranzko bidea abiatzea, erreferendumik gabe tartean, hamazortzi hilabetekoa; behar diren egiturak sortu eta, hamazortzi hilabeteren buruan, prozesu konstituziogilea abiatzea. Guztira ematen dizkigute 72 diputatu, ez dutenak hitz egiten orain erreferenduma egiteaz. Noski, uneren batean erreferenduma egin beharko da. Guk prozesu konstituziogilearen ondoren kokatzen dugu urrats hori, non konstituzioa izan beharko den berretsia, eta hortik aurrera esan dezakegu existitzen dela Errepublika katalana. Erreferenduma orain lortu behar dugula dioenak, eta Espainiako Estatuaren barruan, bada, 2014. urtean nahi badu berriz bizi, ondo. Hori dagoeneko eskatu baitzen, eta esan ziguten guztiz ezinezkoa zela. Hitz egin dezagun Kataluniako prozesu soberanistaz. Lortu du imajinaezina: zuk aipatu duzun ideologia aniztasun hori, demokrazia kristautik antikapitalismora doana, nolabait ados jartzea. Bada jendea kontsentsu horrek kanpo utz dezakeena? Zerorrek esana da: "Herriak kontsentsua goratzen badu, bat ez etortzea kriminalizatzen du".  Espainiako Trantsizioaren kulturak hainbeste goratu du kontsentsua, ezen bat ez zetorren ahotsa kanporatu egin baitu eztabaida publikotik. Hori ikusi da gai nazionalean, edo sozialean. Hemen ez dela gertatzen esango nuke, independentzian sinesten ez duen jendea oso ondo ordezkatuta dagoelako, ez da inor unionistak kanporatzen ari. Eta, independentista izan daitezkeen arren, kontsentsu horretan beren burua ordezkatuta ikusten ez dutenek, bada, parte hartze politikorako bitartekoak dituzte. Ez litzaidake gustatuko inor kanpo geratzea, kontrara, nahi nuke jakin non dauden bat ez datozen horiek, nire azken urteetako praktika, hain zuzen, izan baita horiengana joatea, entzuteko eta eztabaidatzeko.  Independentziara abiatu duzuen bide horretan, ez dago arriskurik "lehenengo gerra eta gero iraultza" egiteko? Guk diogu ezin dela bietako bat lehenetsi. Lehenengo independentzia eta gero borroka soziala, edo lehenengo atera gaitezen krisitik eta gero independentzia, biak ere iruditzen zaizkit ergelkeria, ezin gauzatuzkoak dira. Libertarioen herentzia jasotzen dugu: gerra eta iraultza gauza bera zirela zioten. Independentzia eta borroka soziala borroka bera dira, ez badugu inolako bitarteko administratibo, politiko, ekonomikorik, nola egingo ditugu politika sozialak autonomia baten barruan? Ezinezkoa da, apurrak ematen dizkigute. Eta gero, independentzia egiten badugu espainiarraren berdin-berdina den estatu diseinu batekin, fiskalizatuta ez dauden elite batzuekin, hobeto Espainian geratzea. Berdin bizitzeko, baina lau barradun banderatxo batekin. Independentzia eta ikuspegi sozial batetik egiten den legeen, instituzioen eraldatzea, prozesu bera dira. Espainiarren etsairik handiena Espainiako Estatua dela esan izan duzu. Zertan litzateke desberdina katalanekiko Estatu katalana? Antagonikoa izan beharko litzateke. Espainiarra ez da inoiz izan estatu liberala, Erregimen zaharreko kutsua izan du beti. Herentzia frankista argia du orain. Botere judiziala ez da inoiz araztua izan, ez modernizatua, ez demokratizatua, salbuespeneko tribunalak daude, Auzitegi Nazionala adibidez, Segurtasun Nazionalerako Legea, Auzitegi Konstituzionalaren erreforma. Lurraldeari dagokionez ez ditu inoiz ulertu bere diferentziak. Errentari dagokionez, banatzailea izan beharrean, jendeari dirua ateratzea du helburu, eta lagunen artean partitzea. Ez da estatu laikoa. Hezkuntza eta kultura ez ditu garrantzitsutzat hartu, gutxiago nazio aniztasunean, borroka egin du Espainiako hizkuntzen aitortzaren kontra, esaterako Europan. Orduak pasa genitzake esanez zergatik den Espainiako Estatua ez-eraginkorra espainiar guztientzat. Independentziarako beste motibo bat: Convergència i Unió (CIU) koalizioaren desagertzea. Unió Democràtica de Catalunya (UDC) dagoeneko parlamentuz kanpoko indarra da. Prozesuaren aurretik 62 diputatu zituen CIUk, orain 30 dituzte. Zenbat eta independentzia gehiago, orduan eta CIU gutxiago. CIU ezinbesteko dela? Ezinbestekoak dira CIUren boto emaileak. Eskuineko alderdi bat egon behar da, noski, modernoa, sozial-kristaua, Kataluniako eskuin bat. Nahi dugu eskuina egotea, baina ez dezala inoiz agindu. Baina prozesu honetan CIU desagertzea saihestezina da, eta beste gauza desberdin batean berriz eraikitzea ere bai, ustelkeriagatik, alderdi autonomista delako, Madrilera gauzak eskatzera joateko diseinatuta zegoena. Bezero sistema bati lotutako alderdia izan da. Berak ez zuen asmatu sistema, noski, baina autonomismoak parte hartzera eraman zuen. Errepublika katalanarekin hori guztia bukatuko da. Joan Fuster zenak zioen: azkar asko utzi nahi dugu borroka nazionala. Nahiz denbora gutxian kendu ditugun gainetik etnizismoa eta identitarismoa, dena hizkuntzan, historian, folklorean oinarritzea. Prozesu honek baliorik badu, katalanismoa posizio erabat politiko eta garaikideetara eraman izanagatik da. Denok gara katalan, denok hitz egiten dugu katalana eta nahi dugu defendatu, denoi gustatzen zaizkigu sardanak eta abar, baina ez dira inondik ere eztabaida politikoaren erdigunea. Erdigunean daude estatuaren diseinua, nolakoa izan behar duen XXI. mendeko estatu batek, zer eskumen izan behar dituen lurraldeak Estatu zentralarekiko, nola egiten den justizia moderno, eraginkor, azkarra, zer oinarrizko zerbitzu behar diren, nola diseinatu eta mantendu behar diren hezkuntza, osasuna, nola integratu azken garaitsuan etorri den milioi inguru pertsonak, berrehundik gora hizkuntza hitz egiten dutenak. Horiek dira egungo independentismoaren eztabaidak, erabat egokiak eta adoregarriak. Borroka nazionala uzteko gogoa daukagu, bai, politika nazionala egiteko, etengabeko kexua atzean utzi eta egin nahi dugun horren araberako politika gauzatzeko. Bada CUP kultura klasikoa dela dioenik, ideologia klasikoa; ez M15, ez eztanda mugimendua, alegia. 2011ko seme-alabak dauden bezala, ni 2012ko seme naiz. M15a dena aldatu zuen epifania modukoa dela uste dute batzuek, nik uste dut borroka ziklo baten etapa bat gehiago izan zela. Eta 2012ko Bartzelonako manifestaldi erraldoian, aldiz, aldaketa bulkada bat hasi zela. Nik ez dut eztabaidatuko M15aren garrantzia, baina azkenean ondorio gisa ekartzen badu alderdi klasiko bat, jeneral bat bere zerrendetan daramana, erregeari opariak egiten dizkion lider bat, trikornio marea aldarrikatzen duena, ezkerrekoa ez dela dioen alderdi bat, gainera, eta hori bada politika berria, bada, eraldaketa txikia iruditzen zait. M15a ez da hori bakarrik, noski, askoz sakonagoa da, biziberrituko da Podemosetik harago, instituzionalizatzetik harago. Baina prozesu katalanak gauza gehiago ukitzen ditu. Eta egiten ari garenari jende askok begiratzen dio esperantzaz Espainian, 78ko erregimenarekin bukatu nahi dutelako, eta gu onik ateratzen bagara, haiek borrokak beste modu batera antolatu ditzaketelako. Nola bizi izan duzu aldaketa: aktibismo artistiko eta autonomotik, Los Carradine musika taldearekin, independentzia rock'and'roll berria dela esatera? Politika da rock'n'rolla, baina independentzia da punka. 90etan zegoen mega-kontsentsu horren barruan, artea zen bat ez etortzeko esparru bakarretakoa. Eta orain berriz ikustea akzio politikoa bihotz-altxagarria, punkia, urratzailea dela, izugarria da. Musika gaur egunean dagoen gauzarik aspergarriena da. Eraldaketarako indarrak, ideiak, jarrerak berriz daude politikaren zelaian. Mugiroa dagoen lekura noa ni, martxa gustatzen zait. Eta politika espainiar eta katalanean ezer eraldatzea erabat ezinezkoa zenean, beste gauza batzuk egiten nituen. Baina orain politikak zirrikitu guztiak irekitzen dituela, hemen egon beharra dago. Eta aldiz ematen du orain artea, oro har, arte plastikoak, musika, literatura katalana egonean daudela, zoritxarrez, eraldaketa politikoa abiada hartzen eta posizio berriak irekitzen ari den momentuan.
news
argia-4962de116c97
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/janztearen-mugarriak.html
Janztearen mugarriak
Jakoba Errekondo
2015-11-22 00:00:00
Janztearen mugarriak Hedabideek zientziarekiko duten jarreraz eta zientzialariek bere lanaren hedatzeari buruz duten jarreraz aritzeko deitu didate Donostiara, Natur Zientzien 2. Topaketara. Sumatzen dudanez, nik hedatzen ditudan ideia batzuk "oso zientifikoak" ez ote diren egotzita.  Han eta hemen, urteak daramatzat gure kultura harrotu eta zabaltzen. Bai, nekazaritza baita gure kulturaren alor garrantzitsuena. Gure lurrarekin dugun lotura horri zor diogu garena. Amona Joxepa zenaren gonapean, ume purtzil muturzikin bat nintzela, baratzean letxuga "frantsesak" aldatzen laguntzen nionez geroztik, ikasi besterik ez dut egin. Etengabe. Beti gustatu izan zait han-hor eta hemen jendeak gauzak nola egiten dituen ikusi-entzun eta jasotzea.  Gero, irrati batean eta bestean, idatzizko hedabideren batean eta bestean, eta esku artean duzun ARGIA astekarian hasi nintzen landareei buruzko gorabeherak azaltzen. Eta agerian jartzean hasten dira komeriak. Gauzak nola esan, nola azaldu, zer azaleratu eta zer ezkutatu, zer itxura eman, naizena zenbateraino azaldu... Baina esanez; jendea jantziz. Eta kritika. Kritika beti gozoa iruditu izan zait. Badira, ordea, mugarriak jarri nahi dituztenak: hau esan eta hau ez!   "Zientzian" lan egiten duten askok dituzte mugarriak gustuko, baina zientzian ere artea etorkizunerako bideak proposatzea eta aurreikustea da. Mugarrietatik haratago. Artea. Izan ere, zer da zientzia?
news
argia-4c39f7752a85
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2484/irakurleak-galdezka-porruak.html
Irakurleak galdezka: porruak
Jakoba Errekondo
2015-11-22 00:00:00
Irakurleak galdezka: porruak Kaixo! Badira bi hilabete ziento bat porru sartu genuela gure baratze kaxkarrean; hainbat aholku irakurri eta hainbat laguntza jaso arren, porruak landatu genituen bezain ziztrin daude. Belar txar batzuk dituzte inguruan (gaztelaniaz aros izenekoak), eta ezinean. Argazkietan garbi ikus dezakezu… Zer egin dezakegu? Saiatu gara belar horiek kentzen baina ezin dira sustraitik atera! Eta gainera zure liburuan uzteko diozunez… Laguntzerik bai? Olga Villa (Larraul). Kaixo Olga. Arrazoi osoa duzu, argazkiko porruek itxura ziztrina dute.  Nik egoera horren jatorria izan daitekeen arrazoi aukera esango dizut, eta irtenbidea zerorren esku dago. Zuk aipatzen dituzun landare "belar" hori ilarrondokoa da (Arum maculatum ) baina sapelarra ere ageri da ( Stellaria media ) eta azenario batzuk ere tartean badirela esango nuke ( Daucus carota ). Eta bai, porruari belar artea gustatzen zaio, hezetasun zalea baita. Garrantzitsuena lur fresko eta sakona izatea da, eta erruz simaurtua; simaur edo luar zaharrarekin. Argazkian ikusten dudanez lurra hala-moduzkoa da. Ilarrondokoa agertzeak ere lurra sakonean ez dela prestatu adierazten du. Eta amaitzeko, hilabete pare bat izateko, gorabeherak gorabehera, ez daude hain txarto... Hurrengoan, ahal baduzu, ekainaren amaiera edo uztailaren hasieran aldatu.
news
argia-3a66bbfc54c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2421/haurtzaroa-ahaztearen-zergatia.html
Haurtzaroa ahaztearen zergatia
Unai Brea
2014-06-29 00:00:00
Haurtzaroa ahaztearen zergatia Karraskariekin egindako hainbat esperimenturen bidez, Japoniako eta Kanadako zientzialariak biltzen dituen ikertalde bat oroitzapenak ezabatzeko mekanismoa argitzen saiatu da. Diotenez, neurona berriak sortzeko prozesua da erantzulea. Bitxiena da neurona berriak eratzea ezinbestekoa dela oroitzapen berriak sortu ahal izateko. Lehen uste zen jaio eta gero ezinezkoa zela neurona gehiago sortzea, baina gaur egun badakigu bizitza osoan zehar eratzen direla. Neurona sortu berriak lehendik existitzen ziren sareetan txertatzen dira, eta hori funtsezkoa da memoriaren funtzionamendurako. Baina aldi berean, konexioen berregokitzeak ahanztura ere eragiten du, aipatutako ikerlariek iradoki dutenez. Horrexek eragingo luke haurtzaroko gertakariez ez gogoratzea.
news
argia-f33df792fdb6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/argia-eta-ardi-beltzak.html
Argia eta ardi beltzak
Jakoba Errekondo
2018-07-01 00:00:00
Argia eta ardi beltzak Urte sasoi hau iristen den guztietan arreta erakartzen didan landare familia da Hypericum -tarrena. Eguzkia bere harroenean den egun hauetan haren antza nabarmena duten loreak erakusten dituzte, tente gora. Sendi horretakoen artean etxekoena milazuloa dut, Hypericum perforatum . Bere izen mordoak dio zenbateraino geurea dugun: milazilo, milasilo, milaxilo, ausiki-belarra, osto argal, epai-belarra, erle-belarra, likurusa, likurusna, bihoztxo, santio-belarra... Erabilera ugari duen sendabelarra da: astenia psikikoa eta depresioa tratatzeko, lasaigarri gisa, zauriak eta ebakiak osatzeko... Ona da, bai, baina txar askoa izaten ere badaki, agidanean. Ameriketan eta Australian ez dute ikusi ere egin nahi, aziendarentzako kaltegarria denez, inbaditzailetzat izendatua dute. Belar hori jaten duen aziendak fotosentikortasuna garatzen du. 1787an Cirillok aipatu zuen, eta "ardien pozoin azkarra" deitu zuen. 1833an Hertwigek abereen arazoa zela-eta bazka-gaitza-eguzkia lotura azpimarratu zuen. XX. mendean barrena frogatu dira kate honen begiak: Ray 1914, Bhum 1941 eta 1964 eta abar. Milazuloak duen hypericina osagaiak sortzen du gaitza. Azienda guztiek sufritzen dute, gutxi gehiago: behor, ardi, eta batez ere behikundeak. Belarra jan ondoren, animaliaren azalean pilatzen da. Azalean delarik eguzkiaren argiak kalteak sortzen ditu. Alergia antzeko erreakziotik hasi; begi ondoan, belarrian eta muturrean hanturak ondoren, eta infekzioetaraino, eta, ez jateko ez edateko gauza ez dela, hil daiteke. Aste batzuk irauten du prozesuak. Kalte handiena noiz egin dezakeen ederki neurtua dute: hamalau gradutik gora, bero eta lehor denean eta arratsaldeko zazpiak aldera. Urte sasoi txarrena ekain aldea da, lore pipilak sortzen ari denean. Kontuz ilea moztu berria duten ardiekin. Arabeek ez dute behor zuriekiko zaletasunik, eta kolore argiko edo pigmentua galdutako zatiren bat badu behorrak, tabako zukuarekin edo hennarekin ilunduko dute. Italiako Taranton, ardi beltz hutsez osaturiko artaldeak zituzten, landare madarikatu hori zela medio. Noski, milazuloa bera eguzkizalea da, eta karea duten lurrak maite ditu. Hezetasuna eta itzala ez zaizkio gustatzen.
news
argia-6d28feaea9c6
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/katekistak-eskolatik-at.html
Katekistak eskolatik at
Mikel Basabe
2018-07-01 00:00:00
Katekistak eskolatik at "Nolanahi ere, ikastetxe publikoetan emango den hezkuntzak etika kristauaren balioak errespetatuko ditu". Astakeria hori esanez hasten da Espainiako Erresumak eta Vatikano Hiriak 1979aren urtarrilaren 3an sinatu zuten konkordatua. Astakeria hori jasotze hutsa nahikoa arrazoi da konkordatu hori bertan behera uzteko. Baina beste zenbait harribitxi ekar genitzake hona: "Hierarkia eklesiastikoari dagokio erlijio katolikoko irakaskuntzaren edukiak zehaztea, baita irakaskuntza nahiz trebakuntza horiei dagozkien testuliburuak eta material didaktikoak proposatzea ere". Beste bat: "(…) erlijioa irakatsiko dute eskola-urte bakoitzerako agintari akademikoek izendatzen dituzten pertsonek, zeinak elizbarrutiko ordinarioak irakaskuntza hori emateko proposatzen dituenen artean aukeratuko diren". Alegia: gotzainek aukeratu, eta gobernuak kontratatu (eta diru publikoarekin ordaindu, noski). Horrela, "bekatuan bizi" direla iritzita gotzainak hurrengo ikasturterako proposatzen ez baditu, gobernuak ezingo ditu kontratatu. Bidegabeko kaleratzea izango denez (hainbatetan gertatu da horrela), langileari kalte-ordaina eman beharko dio… gobernuak, ez gotzainak. Gehiago: "Estatuak bermatu egingo du eliza katolikoak irakaskuntza-ikastaro eta beste erlijio-ekintza batzuk antolatu ahal izango dituela unibertsitate publikoetan, horretarako azken hauen gelak eta baliabideak erabiliz". Eta azkena, konkordatu berekoa baina hedabide publikoei buruzkoa: "Erlijio- eta adierazpen-askatasunen printzipioak babestuta, Estatua arduratuko da bere hedabide sozialetan katolikoen sentimenduak errespeta daitezen eta, horretarako, Espainiako apezpiku-batzarrarekin gai horiei buruzko beharrezko hitzarmenak sinatuko ditu". Premiazkoa da gobernu sozialista berriak Espainiako Erresumaren eta Vatikano Hiriaren arteko konkordatua berehala salatzea. Hori egindakoan, beste zenbait erlijiorekin sinatutako akordioak ere bertan behera utzi ahalko dira, arazo barik, erlijioak eskolatik kanpora gera daitezen Konkordatua legea da Espainian, estatu subirano biren arteko ituna delako, eta hainbat pribilegio ematen dizkio "Erlijio katolikoa" ikasgaiari. Esterako, praktikan bera izatea gutxieneko ikasle-kopururik behar ez duena. Nahikoa izan ohi da ikasle bakarra, irakasgaia emango dion irakaslea kontrata dadin. Oker ez banago, Gobernuaren ekimenez sala daiteke nazioarteko akordio bat, gero Kongresuak berretsi beharko badu ere. Hori gertatu eta urtebetera baliogabetzen ei da nazioarteko akordio hori, orduan uzten dio lege izateari. Beraz, premiazkoa da gobernu sozialista berriak Espainiako Erresumaren eta Vatikano Hiriaren arteko konkordatua berehala salatzea. Hori egindakoan, beste zenbait erlijiorekin sinatutako akordioak ere bertan behera utzi ahalko dira, arazo barik, erlijioak eskolatik kanpora gera daitezen. Eta erlijio irakasle hiru aldiz pribilegiatuak langabeziara bidali gura ez badira, eman dezatela "Erlijioen historia" hautazko ikasgaia, zeina gainerako ikasgaien baldintza akademiko eta laboral berberetan antolatu beharko den. Irakasle hiru aldiz pribilegiatuak esan dut. Lehenengo pribilegioa, gainerakook itxita daukagun ate txikitik sartzea funtzio publikora: gotzainak ematen duen baimena lortzea ez dago guztion eskura, erabaki arbitrarioa da. Bigarren pribilegioa, ikasle bakarrari ere eskolak ematea, gainerako hautazkoetan 15 behar direnean. Hirugarren pribilegioa, horrela lorturiko puntuak hezkuntzako edozein zerrendatan erabili ahal izatea, zerrenda horietako irakasle arruntoi aurrea harturik. Ez dut sinesten ELAk, CCOOk, UGTek eta LSBek hori ez dakitenik.
news
argia-3135168089c4
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/gaztetxea-eta-musika-ulertzeko-hamabost-aukera.html
Gaztetxea eta musika ulertzeko hamabost aukera
Iker Barandiaran
2018-07-01 00:00:00
Gaztetxea eta musika ulertzeko hamabost aukera 30 urte bete dira hiriko gazteak Gasteizko Alde Zaharreko muinoko etxeari bizitza ematen hasi zirenetik. Garai hartan Gasteizen egiten nituen udako egonaldiak osaba-izebarenean eta akorduan daukat lehengusuak erakutsi eta azaldu zidala Gaztetxe hasiberria zena. Sartzeko galdetzerakoan, baina, lehengusuak, zalantzati, nahiago izan zuen mutiko hura barrura ez eramatea. Orduan nork pentsatuko zuen eraikin hark halako bizitza oparoa izango zuenik eta nik neuk gerora Gaztetxeekin halako lotura estua izango nuenik. Gaztetxeen bizitza ziklikoa izan ohi da, gorabeheratsua, gazteen inpultso, indar eta motibazioen araberakoa; eta adinak –eta berorrekin datozenak– ere izaten du zeresana. Hala ere, Gasteizkoa, urte gutxi batzuk izan ezik, sasoikoa izan da 30 urteotan eta aktibo mantendu da hiri txiki horretako ekimen askoren aterpe iraunkor bilakatuta. Belaunaldiz belaunaldi bizi-bizirik jarraitzen du. Musikaren esparruan ere aski irekia izan da beti, eta 2001ean Euskal Herriko talde ezagun askoren CDarekin urteurrena ospatu bazuten ere, oraingoan Gasteizko talde txikiagoekin osatu dute bilduma: Trikomak Jamaikara garraiatzen gaitu reggae-ska-ren bidez; Indarrap eta Markes Iraizosek indarrak batuta mezu oldarkorreko maisu-rapa gauzatu dute; Ni Yuta Ni Tuya-k sekreta -k salatzen ditu cumbia soinupean; rock kaletarraren oinordeko Zorriak-ek garraztasunez abesten du; Izaki Gardenak-ek dotorezia handiko pop-rock pieza intentsua oparitu digute; Bidelapurrak-i esker a capella abestutako folketik Irlandakora egingo dugu jauzi; Abesbatza Feministak Tarantisten erritmopean giro latinoetan bustitako kontakizun feminista eta aldarrikapena burutu dute; Harresian Zulok latinoa, popa eta folka ezkontzen ditu; Asteartek ere folkean dihardu; Musikgerrilla da thrash-metalaren ordezkari; Piztu Punk-ek euskarazko lehen abestia erditu du punk-rock azkar eta gitarreroaren ildoan; Kaskilloaren Zerrautsa folk minimalista ganberroa da; Garraxika kaleko punk-OI!aren ahotsa; Montauk sasi-elektronika eta post-rock misteriotsua batzen dituen perla; eta, azkenik, Gazte Asanbladak eresi askea eskaini du. Hamarkada askotarako!
news
argia-c970e1ef4c36
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/xixtroak.html
Asto gainetik internetera, handik etxez etxeko banaketara
Garazi Zabaleta
2018-07-01 00:00:00
Asto gainetik internetera, handik etxez etxeko banaketara Asto gainean jartzen zituzten saskiak ziren xixtroak garai batean, laborariek euren produktuak etxaldeetatik herriko merkatura jaisteko erabiltzen zituztenak. 2016tik aurrera, berriz, Lapurdin martxan duten proiektuaren izena ere bada: Hazparne inguruko hainbat laborari elkartu eta Xixtroak sortu zuten urte hartan, euren produktuak internet bidez inguruko herritarrei eskaintzeko. Orain, berritasunekin dator elkartea: arrain freskoa eskaintzen eta Baiona-Angelu-Miarritze inguruan saskien etxez-etxeko banaketa egiten hasi dira. Bertakoa eta iraunkorra Nekazaritza herrikoi eta iraunkorrean egiten dute lan Xixtroak osatzen duten sei etxaldeek, prozesu osoa hasieratik bukaeraraino eurak eginez. Produktuen kalitatea bermatzeko hainbat ziurtagiri edo zigilutan daude erregistratuta: Idoki, EHKO, Nekazaritza Biologikoa (AB) edota AOC/AOP sor-marketan, esaterako. "Kontsumitzaileari segurtamena eman nahi diogu ziurtagiriekin. Araudi horien bidez defendatzen dugun laborantza herrikoia nahi dugu aitzina eraman", azaldu zuen Andde Dubois elkarteko kideak Euskal Irratiak egindako elkarrizketan. Eskaerak internetez egiten dituzte familiek, eta banaketa puntuetan –edo orain, zenbaitek, etxean bertan– jasotzen dituzte saskiak. Laborarien eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremana egotea garrantzitsua da elkarteko kideentzat. Kontsumitzaileak saskia osatzen 250 familia inguruk osatzen dute egun Xixtroak elkartearen sarea. Gertuko laborari eta abeltzainek ekoitzitako produktu ugarirekin osa dezakete saskia: ogia, gazta, arrautzak, esnekiak, haragia, edariak, fruitu eta barazkiak… Denetik dute webguneko katalogoan. Kontsumitzaileek aukeratu eta saskia osa dezakete astero. Orain, arrain freskoaren eskaintza gehitu zaio proiektuari. "Donibane Lohizuneko bikote bat da, senarra arrantzalea da eta emazteak arraina saltzen du. hamazazpi euroko zareak eskainiko ditugu sasoiko arrainarekin, fresko-freskoa jasoko dute kontsumitzaileek arraina", zioen Duboisek irratian. Ekoizpen eredu iraunkorrean jardunez baina aldi berean egungo errealitatera egokituz eta lan-banaketa moduak eguneratuz aukera berriak zabal daitezkeen seinale, eredu polita da Xixtroak proiektua.
news
argia-488f3f2d3078
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/la-manada-auziko-bost-bortxatzaileak-aske-utzi-dituzte-baldintzapean.html
'La Manada' auziko bost bortxatzaileak aske utzi dituzte baldintzapean
ARGIA
2018-06-21 00:00:00
'La Manada' auziko bost bortxatzaileak aske utzi dituzte baldintzapean Bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zien Nafarroako Auzitegiak berak baldintzapean aske utzi ditu, El Confidencial agerkariak jakitera eman duenez. 6.000 euroko fidantza ordaindu beharko dute kalera irteteko. Auzitegiak jarritako baldintzen artean dago bost gizonek ezin izango dutela Madrileko Autonomia Erkidegoan sartu, bertan bizi baita bortxatu zuten emakumea. Horrez gain pasaportea kendu eta Espainiako Estatutik kanpo bidaiatzea eragotzi diete epaileek. Erabakia hartzeko orduan, epaiamahaiko kideetako batek kontrako botoa eman du, presidenteak hain zuzen, bederatzi urtera kondenaturiko bortxatzaileek espetxean jarraitzearen alde azaldu da. Euskal Herrian berehala etorri dira erreakzioak. Donostian, esaterako, kazerolada egingo dute arratsaldean Boulebarretik hasita; Bilbon, elkarretaratzea egingo dute Unamuno plazan, 19:30etan; Gasteizen ere elkarretaratzea egingo dute 20:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan; eta Iruñerriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du 19.00etan Iruñeko Udaletxeko plazan, auzitegiaren erabakiarengatik protesta egiteko: Bortxatzaileak aske uzteko erabakiaren berri jakin ahala, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan mugimendu feministako partaideak mobilizaziorako dei ugari egiten ari dira. Madrilgo mugimendu feministak, esaterako, Madrilgo justizia Ministerioaren atarian biltzera deitu ditu herritarrak arratsaldeko 19:00etan. 22 urteko kartzela eskaeratik, libre geratzera Uztailaren 7an bi urte beteko dira Sanferminetako talde bortxaketa burutu zuten bost gizonei behin-behineko espetxeratzea ezarri zieten– 9 urteko zigorra bakoitzari–, eta legeari dagokionez behin-behineko espetxeratzeak iraun dezaken gehieneko epealdia bete denez, legeak beronen berrikusketa egiteko aukera jasotzen du. Hala, gaur, osteguna, Nafarroako Auzitegiko bigarren Aretoak baldintzapean aske uzteko erabakia hartu du. Epaiketan, fiskalak eta akusazio partikularrak 20 eta 22 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu zuten. Hala, Iruñeko espetxean diren José Ángel Prenda, Ángel Boza eta Jesús Escudero eta Madrilgo Alcala Mecon diren Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesús Cabezuelo, aske geratuko dira datozen orduetan. Akusatuentzat kartzela mantentzearen alde agertu da akusazio partikularra, defentsa abokatuak eskatutako baldintzapeko askatasuna bertan behera uzteko eskatuz. Baldintzapeko askatasuna onartuz gero akusatuak ihes egiteko aukera "begi bistakotzat" jo zuen Victor Sarasa Iruñeko Udaleko abokatuak. Mobilizazio jendetsuak epaia jakin ostean Haserre eta amorruz bete ziren kaleak apirilaren 27an, epaia jakin berritan , Sanferminetan bost gizon hauek egin zutena bortxaketa izan zela argi uzteko Egun hartan, erabakia hartu zuten hiru epaileak kargutik botatzeko sinadura bilketa abiatu zuten . Milioi bat atxikimendutik gora ditu kanpainak.
news
argia-49241e77eb95
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/tosepan-kooperatiba.html
Nahuatl hizkuntza-aholkularia hasiko da lanean
Txerra Rodriguez
2018-07-01 00:00:00
Nahuatl hizkuntza-aholkularia hasiko da lanean Lizbeth Sánchez Ortiz mexikarra da. Jatorriko herritarra da, nahuatl hiztuna, maseuala, Puebla estatuko mendilerroko biztanlea. Baina, hori baino gehiago ere bada. Sánchez apiriletik ari da lanean hizkuntza garatzeko aholkulari Tosepan mugimendu kooperatiboan, kooperatiba horretako hizkuntza biziberritzeko proiektu orokorra koordinatzen. Proiektuak, momentuz, lau hanka ditu: murgiltze eredura hurbildu gura duten eskola, irrati komunitarioa, corpusa batzeko proiektua eta lan arloko lau erabilera plan. Euskal Herriko euskara teknikariak albo batera utzita, lantokietan hizkuntza aholkulari moduan jardungo duen lehen pertsona da munduan. Etxetik jaso ez baduzu ere, zergatik erabaki zenuen nahuatl hizkuntza ikastea? Hainbat arrazoik bultzatuta erabaki nuen nahuatl ikastea. Hala ere, garrantzitsuena da maseuala naizela. Hizkuntza, hala ere, nire amama-aitaitaren belaunaldian galdu zen familian eta, horrexegatik, nahuatl ikasteak nire familiaren historia eta nire identitatea berreskuratzeko aukera ematen dit. Azken finean, nik gura dut nire pentsamendu eta bihotz maseualak berriro taupadaka hastea. Orain arte irakasle aritu zara, baina orain hizkuntza garatzeko aholkulari arituko zara. Zer aldarterekin ekin diozu lan berriari? Orain arte, irakasle aritu naiz bai, baina lan hori oso lotuta egon da nahuatl eta tutunaku hizkuntzen indartze eta biziberritzearekin. Betidanik saiatu naiz proposamen txiki eta kolektiboak lantzen hizkuntza horien geroa bermatzeko. Hori dela eta, erronka berri honi ekiteko aurretik ikasitakoa ere izango dut kontuan. Gainera, Emunen [Euskara eta berrikuntza soziala lantzen dituen kooperatiba] bidez jaso dudan trebakuntzan ikasitakoak ere lagunduko dit lan horretan. Beraz, nire asmoa da aurreko lanari segida ematea, hau da, gure hizkuntzen alde ekarpenak egitea, nahiz eta oraingoan beste alor eta esparru batzuetatik aritu. Cuetzalangoa zara, Mexikoko Puebla estatukoa. Eta Tosepan mugimendu kooperatibako kide zara. Zelan azalduko zenuke labur-zurrean Tosepan zer den? Datuak ematen hasi ahalko nintzateke: Tosepan, gaur egun, zortzi kooperatiben batasuna da, 430 tokiko kooperatiba dituena eta 36.000 familia barnebiltzen duena, eta produkzioa, aurrezkia, hezkuntza, osasuna, turismoa, etxebizitza eta gure lurraren defentsa lantzen dituena. Baina horrekin ez nuke Tosepan benetan zer den azalduko. Tosepan, izan ere, hori baino askoz gehiago da. Tosepan lan eta ahalegin askoren ostean, amets kolektiboak sorrarazi eta bete dituen espazio edo mugimendua ere bada. Gure amama-aitaitek amets egin zuten eta ezinezkoa zirudiena lortu zuten. Horrexegatik, guk ere amets egiten ikasi genuen, eta gogor eta ahalegin biziz lan egiten ere ikasi genuen amets horiek eta amets berriak gauzatu ahal izateko. Hizkuntza proiektua, beraz, ametsa da, beste amets batzuei gehitzen zaien ametsa, gure maseual burujabetzen defentsara gehitzen den amets berria. Tosepan barruko hiru lantokietan jarriko dira martxan nahuatl biziberritzeko planak. Zelan adieraziko zenioke euskaldun bati hiru gune horietan egiteko asmo duzuena? Tosepan barruan hizkuntza proiektu osoa ari gara martxan jartzen eta proiektu horren ardatzetako bat lanari dagokiona da. Ardatz hori lantzeko, Emuneko eta Garabideko lankide batzuekin batera, hiru lantokitan hasi gara, proiektu pilotu modura. Gune bakoitzean hizkuntzen gaineko diagnostikoa egin zen. Diagnostiko horrek emaitza berdintsuak eman ditu motibazioei dagokienez, baina ez gaitasunei eta erabilerei dagokienez. Arlo horietan ezberdintasun nabarmenak izan dira. Hortaz, gune bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Hiruretan helburu orokorra  jarri dugu, hau da, gure hizkuntza sendotu eta biziberritzea lantokietan. Baina gune bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dugu, ezaugarri horiek aintzat hartu behar ditugu lana egiterako orduan. Moldatu behar ditugu, beraz, helburuak eta ekintzak lantoki bakoitzaren ezaugarrietara. Euskal Herritik kanpo lantokietako biziberritze planetan aholkulari moduan jardungo duzun lehen pertsona izango zara. Zer erronka eta indar duzu lanari ekiteko? Erronka oso handia da. Euskal Herritik kanpo ez da sekula probatu mota honetako proiektu bat, baina beharrezkoa zaigu ibiltzen hastea, nahiz eta inork bide hau guk baino lehen urratu ez. Horrek ere erantzukizun handia jartzen du nigan, baina lortuko dugula ziur naiz. Izan ere, lan hau ez da pertsona bakar batek egiteko modukoa, lan kolektiboa da eta kolektibotasun horretan dago benetako indarra. Zer dugu euskaldunok ikasteko zuen esperientzietatik? Ez dakit zer duzuen ikasteko. Hala ere, uste dut partekatzen jarraitu behar dugula. Ezberdintasun handiak ditugu –geografikoak, kulturalak eta linguistikoak, besteak beste–, baina borroka berean gaude: gure hizkuntzak berreskuratzeko eta indartzeko borroka, hain zuzen ere.
news
argia-7220f17e6380
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/aizpurgiko-presa.html
Zaraitzutik Esara ura eramateko proiektuaren arriskuaz ohartarazi dute
Urko Apaolaza Avila
2018-05-24 00:00:00
Zaraitzutik Esara ura eramateko proiektuaren arriskuaz ohartarazi dute Esako handitze lanek ez dituzte soilik urtegian behera euren segurtasuna ezbaian ikusten duten herritarrak kezkatzen, goiko bailaretan ere eragin kaltegarria izan dezakete. Urbizi ibaien aldeko nafar plataformak ohartarazi du Aizpurgi herrian presa bat egin eta Zaraitzu ibaiko emaria Esako urtegi erraldoira bideratzeko garai bateko proiektua oraindik mahai gainean duela Ebroko Konfederazio Hidrogafikoak (CHE). Ur hori beharrezkoa lukete handitze proiektua justifikatzeko, gaur egun Aragoi eta Ezka ibaietatik jasotzen den kopuruarekin ezinezkoa baitute halako tamainako urtegia betetzea. Fito Jimenez ingeniari eta ekintzaile nafar ezaguna eta Urbiziko kidea, Aizpurgin izan zen duela gutxi, herritarrei ohartarazten proiektuak zein kalte ekarriko dituen Zaraitzura. Mendixut aldizkariak hilabete honetan argitaraturiko elkarrizketan azaldu du "alarmak" 2016an jo zuela, CHE-ko teknikari batek bilera batean esan baitzuen "Esako handitzearen ondoren Zaraitzu ibaiko erregulazioa etorriko zela". Nafarroako ingeniarien kolegioak iaz antolaturiko hitzaldi batean ere gauza bera baieztatu zen. Proiektuak 1977an du jatorria, behinola Itoizen urtegia eraikitzeko burutazioa eduki zuten azterketa berean. Hamar urte geroago 9 metro garaierako presa egitea proposatu zuten. Egitasmo horixe da orain hango herritarrek zintzurrean dutena. Urbiziko kideek diotenez, egun indarrean dagoen Ebro arroko plan hidrologikoak Aizpurgitik Esara ura eramateko proiektuaren bideragarritasun azterketa jasotzen du: "Eta guk uste genuen oroitzapenen kutxan zegoela...", azaldu dio Jimenezek aldizkari piriniarrari. 10 kilometroko kanala Leire azpian Proiektuak 1977an du jatorria, behinola Itoizen urtegia eraikitzeko burutazioa eduki zuten azterketa berean. Hamar urte geroago Obras Públicas Navarra S.A enpresa publikoak bideragarritasun plana egin zuen Aizpurgi eta Nabaskozeko almiradioaren inguruan urtegia egiteko, baina azkenean 9 metro garaierako presa egitea proposatu zuen. Egitasmo horixe da orain hango herritarrek zintzurrean dutena. Presa horretatik hasita Leire mendizerra zeharkatuko duen 10 kilometroko tunel eta kanalaren bidez Esara 170 Hm3 ur eramatea da asmoa, Zaraitzu ibaiak urtean batez beste duen emariaren ia bi heren lirateke, horrek lekarkeen kalte ekologikoarekin. "Arazoa da Esa handituz geroztik ezin izango dutela urtero bete, Aragoi eta Ezkako ura eskasegia da hitz emandakoa asetzeko", dio ingeniariak. Euren taldekide Charo Brinquis ingurumen agenteak egindako ikerketa batek ondorioztatu du Bardeetako eta Zaragozako nekazaritza guneak ureztatzeko mila hektometro kubotik gora ur bideratu beharko liratekeela Esatik, bada Aragoi eta Ezka ibaien emaria ez litzateke nahikoa horretarako, are gutxiago klima aldaketa eta mendi-larreen abandonuak kontuan edukita. Esako urtegiaren handitzearekin, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman dezakeena baino ur gehiago eskaini duela uste dute adituek (arg: CHE Ebro) Zaraitzuko urak irentsiko dituen negozioa Esako handitze lanetan dago arazoaren sorburua: "Ez hanka ez bururik ez duen proiektua da. Daukatena baino ur gehiago hitz eman dute, presaren mendi hegaletako segurtasun falta ezkutatu, eta orain hori onartuta, segurtasuna negozio milioidun bihurtu nahi dute enpresa eraikitzaileentzat. Dirua irensten jarraitzen duen zakua da, eta seguruenik berekin irentsiko ditu Zaraitzuko urak". Aizpurgiko proiektua geratzeko informazioa biltzen ari dira Urbizi taldekoak, eta gogorarazi dute Zaraitzu ibaiak Otsagabiatik Arbaiungo arroila ikusgarrira arte babes berezia duela; ezin da beraz arroaren morfologia aldatuko lukeen inolako jarduerarik egin: "Nahiago genuke erratuta bageunde, baina iniziatiba hartu behar dugu, ez gaitzaten ustekabean harrapatu".
news
argia-9b0530e34efb
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/koban.html
"Talde bat izatea musika egitea baino askoz gehiago da"
Lander Arretxea
2018-07-01 00:00:00
"Talde bat izatea musika egitea baino askoz gehiago da" Han eta hemen jarri ditu dantzan Koban taldeak elektroswing doinuetara ohitu gabeko gerriak. Udako agenda ere kontzertuz josia dute dagoeneko. Bien bitartean, mimoz landu duten izen bereko diskoa kaleratzeko tartea ere izan dute. Bertan jaso dute hiru urteko ibilbidean sortu, moldatu eta birmoldatu duten abesti sorta. Horren aitzakian izan gara haiekin, ostegunero egiten duten entseguetako bat baliatuta. Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernan lehen kontzertua eman zutenetik, Rekalde auzoko entsegu lokalean batuko garen gaurko egunera bitartean, asko aldatu da Koban. Taldekideak, abestiak, baita elkartzeko duten txokoa ere. Nekropolia abestiari omen eginez-edo, tanatorioaren atzealdean dute beste bi talderekin elkarbanatzen duten entsegu-lokala: Kobanen koba. Entsegutik bezainbeste asanbladatik duen zitan voyeur eta entzule izatera gonbidatu gaituzte, baina aurrez, taldeko hiru kiderekin jarri dugu hitzordua, elkarrizketa giro lasaiagoan egiteko: 18:00tan Añorgako Jolas Etxean. Garagardo, kafe eta infusioz inguratu ostean, grabagailua piztu eta Elixabete Berazak hartu du lehen hitza. Bera da batu garenon artean taldearen hastapenak bizi izan zituen bakarra. Lehenengo hiruzpalau abestiak prestatzen ari zirenean batu zen taldera, orain hiru urte. 2016aren ataritan, Kortxoenea eraitsi eta Tabakalera ireki zuteneko garaiak ziren. Giro aldrebestua taldekide askoren habitat naturala diren Gros eta Egia auzoetan. Koban osatzen zutenak Lide Hernando, Onintza Rojas, Jon Horna, Esti Beraza eta Asier Beramendi ziren orduan. Bigarren korista gisa sartu zen Elixabete Beraza, gerora pianora igaro bazen ere. Garai haietan "oso berde" zeudela gogoratzen du, baina ilusiorik ez zitzaiela falta. "Garaje batean entseatzen genuen, hotzez, oso baldintza txarretan, baina ikusten genuen kantek indarra zutela, eta gogoa pizten zigun horrek. Musika taldea baino gehiago, lagun taldea ginen". Aldaketa asko etorri ziren gero. Lehena Joseba Salbide taldera batzea izan zen. Bere eskutik oinarri elektronikoa gehitu zioten aurrez landutako kantei, elektroswing etiketa zabalera definitiboki hurbilduz. Baina gehiago ere bai: Maddi Gerriko hasi zen koroetan, Jon Hornak eta Asier Beramendik taldea utzi zuten, eta Lide Hernandok erabaki zuen bere indarrak Liher taldean jartzea. Ordurako nolabaiteko sona hartua zuen Kobanek –tartean, Gazte Akelarreko kanta egina zuten– baita han eta hemen jotzeko eskaintzak jaso ere. Taldekideak falta ordea. Koban osatu eta haize freskoa emango zioten kide berri bila hasi ziren orduan. Hala batu ziren Rakel Arenaza eta Jone Laspiur ahotsetan, baita gitarra-jotzaile lanetan Xalba Ramirez ere. Ikasketa etengabea Taldera momentu kaotiko xamarrean sartu zirela gogoratu du Jone Laspiurrek: "Nik jaso nuen mezuak zioen behar zutela abeslari nagusi bat, tarteka korista lana ere egingo zuena, baina ez zuena beti abestuko". Modu bertsuan hasi zen Rakel Arenaza ere: aurrez lotuta zeuden lehenengo kontzertuak ahal bezala salbatu zituzten, eta pixkanaka aurkitu dute euren tokia taldean. Hala ere, taldekideen arteko konexioa oso erraza eta azkarra izan dela dio: "Gure harremana oso modu naturalean garatu da, hasierako taldekideen eta berriagoen artean bereizketarik egin gabe". Kobanera batzea erraza izan bada, talde osoa ikasketa etengabean murgilduta dagoelako dela uste du Arenazak. "Asko lehen aldiz ari gara antzerako talde batean, edo lehen aldiz orain dagokigun instrumentua erabiltzen. Denok batera ari gara ikasten eta gaitasunak garatzen". Laspiurrek eta berak ahotsari neurria hartzeko lan handia egin behar izan dute esaterako, koroak egiten ikastea "dirudiena baino zailagoa" baita. Arenaza sintetizadorea erabiltzen ere ari da ikasten. Taldea "hasiberria" etiketaren pean babesteko tentaziorik ez dute izan ordea. Exigenteak dira euren buruarekin, eta dozenaka entsegu ordurekin zein banakako lanarekin ordezkatzen dute urteen esperientzia. Ikusi dituenak badaki, hobekuntza kontzertuz kontzertu antzematen zaie. Mimoz landutako diskoa Kobanen elektroswingaren ezaugarrietako bat dantzagarritasuna da, oso da musika aproposa jai-giro eta antzekoetarako. Zuzeneko indartsua dute, eta hor sentitzen dira erosoen, hori da haien espazio naturala. Diskoa osatzeko erronkari heldu diotenean ordea, ez dira udan festaz festa aritzea baimenduko dien grabaketa azkar batekin konformatu. Mimoz, arduraz eta hiru urtean egindako lana erakusteko gogoz osatu dute taldearen izen bera daraman lana. Hainbeste non, lehenengo saiakera bertan behera utzi eta lanketa sakonago bat egitea erabaki zuten: abesti guztiak birpentsatu, instrumentuen parte-hartzea orekatu… Gainontzeko abestien kontrapuntua izan daitekeen kanta motelagoa ( Klimax gaiztoa ) ere diskoan gehitu dute. Hala azaldu du Berazak: "Sentsazioa genuen jendeak bazuela interesa, baina guk bagenekien oraindik lan asko egin behar genuela maila emateko. Azkenean, esfortzu askorekin, hartu diogu neurria, eta oso pozik gaude". Diskoa sortzea bera ere ikasketa prozesu etengabea izan da eta bolada batez, taldekide batzuen bigarren etxea izan da Arrasateko Shot! estudioa. Ander Barriuso izan dute ezinbesteko aliatu. Arenazak azpimarratu duenez, berari esker abestiak borobildu egin dira estudioan. "Koroekin lagundu digu batez ere, eta kororik gabe, disko hau ez litzateke ezer". Pena bakarra dute: haiek grabaketa amaitu eta gutxira estudioaren zati batek sua hartu zuen, kalte handiak eraginez. Zuloari buelta emateko ekimenen bat antolatuko dela espero dute, eta izango dutela beren alea jartzeko aukera. Lehen lerroa gurea da Diskoa osatzen duten kanten hitzek arreta merezi dute. Badira ipuin formakoak, badira metaforikoagoak, baita aldarrikapenez kargatutakoak ere. Taldeko kideen eguneroko arazoak abestietara eramaten ahalegintzen direla dio Rakel Arenazak. E.E.I.E kantaren hitzez ari ginela atera da bestela ere jorratu beharrekoen artean apuntatua zegoen gaia: feminismoarena. "Ez gatoz apur eske, lehen lerroa gurea da", dio kantaren aldarriak. "Abesti feminista bat egin nahi genuen, baina ez genuen osatu nahi esaldi prefabrikatuekin edo diskurtso hutsal batekin. Gu, emakume bezala eta talde bezala, identifikatuta sentitzeko moduko kanta zen nahi genuena". Asmo horrekin bildu ziren taldeko emakume guztiak, ideia zaparrada bat egiteko. Hori oinarri hartuta Rakel Arenaza eta Onintza Rojasek osatu dute letra, Izar Mendiguren bertsolari eta kazetariak lagunduta. Taldeko zazpi kideen artean, bost dira emakumeak, eta eszenaratzean protagonismo nabarmena izateaz gain, jarrera sendo eta indartsua erakusten dute. Horren atzean hausnarketarik badagoen galdetuta, ez daude erabat ados: bai eta ez. Jone Laspiurrek dioenez ez da oso kontuan duen zerbait: "Emakumeak gara eta halakoak gara. Ezinezkoa litzateke gauzak ez horrela egitea, oso modu naturalean egiten dugu". Elixabete Beraza aldiz, Kobanen egindako ibilbideari esker ohartu da emakume asko dituzten edo ez dituzten taldeen artean dagoen aldeaz. Neurri batean, erreferente bat edo adibide bat bihur daitezkeela uste du, eta oso serio hartzen du ardura hori. "Eszenatokian indarra erakutsi behar dugula uste dugu, baina aldi berean, halakoak gara, berezkoa dugu indar hori". Emakumeei bizitzako alor askotan gertatzen zaizkien antzeko egoerak oholtzan ere gertatzen zaizkiela uste du Laspiurrek, eta indarra erakustea badela egoera deserosoei aurre egiteko modu bat: "Indar hori erakutsi behar izan dut zenbait egoerari aurre egiteko, bizitzako beste alor askotan egin behar izan dudan modu berean". Asanblada musikatua Hizketagaiak agortu zaizkigunerako 19:30ak pasa dira jada. Rekalde rock-eko lokalean zain ditugu beste taldekideak. Kotxean egin dugu bertarako bidea. Pianoa dela, sintetizadorea dela… Apenas kabitzen gara denak entsegu-gelan, baina moldatu gara azkenerako. Hogei bat minutu behar izan dituzte elkarri huntaz eta hartaz galdezka aritu ondoren, nork bere instrumentua edo txokoa atontzeko. Iragarria ziguten lehenago ere: "Gure entseguak asanblada ere izaten dira". Baina jakinaren gainean egon arren, deigarria da abestiak zein bizirik dauden ikustea. Bigarren kanta jo orduko gutxienez hiruzpalau kontu eztabaidatu dituzte: klaketa dela, bigarren ahotsa dela… Bistan da egia dela Jolas-Etxean kontatutakoa: erabaki garrantzitsuenak denen artean hartzen dituzte, nahiz eta, tartean behin, lan batzuk delegatu ere egiten dituzten. Elixabete Berazak aitortu du denbora asko pasatzen dutela erabakiei forma ematen, baina gustatzen zaio formula. "Proiektuaren jabe sentitzen zarenean, erantzukizunak eta eginbeharrak arinago egiten zaizkizu. Lider oso argi bat egongo balitz eta gainontzekoak bere laguntzaileak bagina, gogo gutxiagorekin egingo genuke egiten duguna". Bat dator Rakel Arenaza ere: "Ordu asko ematen ditugu batera, eta gure artean ondo moldatzeko modu onena hori da, denoi eragiten diguten erabaki potoloak denon artean hartzea". Kobanen egiten dutena militantziarekin konparatzeko modukoa iruditzen zaio Jone Laspiurri, edo hala bizi du behintzat. Berazak borobildu du hausnarketa: "Talde bat izatea musika egitea baino askoz gehiago da". Jarraitu dute kantaz kantako errepasoarekin, nola ez, eztabaidarako tartea irekita utzita. Arreta deitzeko modukoa da: kide guztiek hartu dute hitza, lehenago ez bada, geroago. Hori baino deigarriagoa da beste hau ordea: entseguetan ere, (ia) inor begira ez dagoenean, dantzan egiten dute. Ba ote da talde baten osasun onaren sintoma nabarmenagorik? Gu ere dantzan hasteko arriskua sumatuta, taldekideak (behingoz) lasai utzita, joatea erabaki dugu. "Kanta onenak datoz orain" ohartarazi gaituzte, baina eutsi diogu tentazioari. Hastear da uda: nahi duenak plazatan aurkituko ditu.
news
argia-81c1a303000e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/lurdes-mercero-kaleko-lurdes-non-stop-askatasun-egarria-eta-jakin-mina.html
"Zer dute halako amorrua izateko euskarari?"
Reyes Ilintxeta
2018-07-01 00:00:00
"Zer dute halako amorrua izateko euskarari?" Askatasuna maite du Lurdes Mercerok. Ezkontzeko asmorik ez eta amak esan zion moja sartzeko. Mercerok ordea, Elizarekin ere, lotura ahalik eta gutxien nahi zuen. Halaxe joan zen Ekuadorrera misiolari bost urtez. Etorritakoan irakaslea izan da 32 urtez Andoainen. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa? 19 urtera arte Unanun bizi izan nintzen. Garai haiek ez ziren errazak. Sei senide ginen. Nekazaritzatik bizi ginen eta gabezian beti. Miseria ez, baina beti eskasian. Gure aita beti herriaren alde lanean ezagutu dut: alkatea ez bazen, auzoko ez dakit zer. Beti karguren bat zeukan. Unanun garai hartan zerbait oso garrantzitsua gertatu zen. Berroetako apaiz gazte bat etorri zen, Don Felipe Santesteban Iriarte, seminariotik atera berria eta mugimendu handia ekarri zuen gure herrira bat-batean. Unanu, Dorrau eta Lizarragan argindarra ordu batzuetan baino ez genuen, errotatik lortzen genuena eta berak Iberduerorekin egin zituen gestioak argia ekartzeko, adibidez. Honetaz gain, lan handia egin zuen eskola berriak egiteko, ura etxeetara eramateko, karrikak ongi jartzeko... Gure herriari hauspoa eman zion era guztietan. Haurrontzat ere oso garrantzitsua izan zen bere etxean gauez eskolak ematen zizkigulako. Zer eskolak? Don Eladio maisuak ematen ez zuena: oinarrizko gauzak, euskara, euskal kultura, dantza, musika… denetik. Musika teknika oso ongi ezagutzen zuen eta herrian ahots onak zeudenez, koru bat eratu zuen. Gregorianoa ere ikasi zuten. Ni txikia nintzen, baina beti joaten nintzen entzutera. Gure ahizpa nagusia etxean beti kantuan ari zen etxeko lanak egin bitartean. Don Eladio nafarra zen, baina ez zekien euskaraz. Bertako neska batekin ezkondu zen eta han gelditu, baina erdalduna zen. Ez gintuen gaizki tratatzen. Haserretu bai, haserretzen zen. Euskaraz hitz egiteagatik bereziki ez gintuen zigortzen, baina zaharra zen eta askotan sumindu eta kanpora bidaltzen gintuen edo katoia ikasten ari ginenean, lokartzen zen eta makila lurrera erortzen zitzaion. "Emakume hori [Ana Beltrán, Nafarroako PPko lehendakaria] ez dago ondo, edo fundamentalista da, edo haluzinogenoren bat hartzen du. Ez dute zentzurik esaten dituen astakeriek! Gure bizitza osoan jasan behar izan dugu kanpoko hizkuntza baten inposaketa" Apaizak esku hartu zuen. Don Felipek berehala sumatu zuen gabezia eta bere gain hartu zuen haurrei eskolak emateko ardura. Horrek markatu zuen nire bizitza osoa. Oso ondo joan zen dena Don Feliperen aurkako salaketak iritsi arte. Inguruko alkate bat eta beste batzuk (inbidiagatik eta halako gauzengatik), hasi ziren esaten gauez neska-mutilekin bere etxean biltzen zela auskalo zer egiteko. Eskutitzak hasi ziren iristen artzapezpikutik, eta guk denok harrituta eta negarrez hartu genituen berri haiek, eta berak ere bai. Gure aitak esaten zion konponduko genuela eta bere seme-alabak joango zirela artzapezpikura esatera zer egiten zuten bere etxean eta lasai egoteko, baina handik denbora gutxira Malagako Ronda herrira bidali zuten zigortuta. Gero Venezuelara erbesteratu zuen bere burua eta han eman zituen bere azken urteak. Don Felipek herriaren pentsamoldea markatu zuen. Gure belaunaldikoek ikasi genuen gauzak beste modu batez ikusten. Nola erabaki zenuen Ekuadorrera joatea? Gazte-gaztetatik argi neukan ez nintzela ezkonduko eta ez nuela seme-alabarik izango. Ekuadorrera joan nahi nuen. Osaba kaputxino bat genuen, Lekarozko irakaslea, eta berak erakusten zigun nola neska gazte batzuk aritzen ziren han lanean kaputxinoekin. Haien filminak ikusten nituen eta erabaki nuen hori zela nik egin nahi nuena. Amak zioen ezetz, hobe moja Santo Domingon zegoen Maixabel gure ahizpa zaharrenarekin: "Fan bizu Maixabelekin". Eskerrak aita nire alde jarri zen, baina gazteegia nintzen eta etxean esan zidaten lehenbizi ikasi behar nuela. 19 urterekin Zaragozara joan nintzen aurrena batxilergoa egitera eta gero irakasle ikasketak. Lehenengo aldia zen etxetik ateratzen nintzena. Beste neska batzuk joan ziren nirekin batera Nafarroatik, haien artean Maria Julia, Zudaireko maistra. Egunez haurtzaindegi batean egiten genuen lan eta gauez, zazpietan, ikastera joaten ginen. Gustura geunden, baina gogoratzen dut ospelak ateratzen zitzaizkidala sudurrean eta belarrietan egiten zuen hotzagatik. Zaila egin zitzaizun gaztelaniaz bizi behar izatea? Bai. Ni ez nintzen oso ona matematika eta fisikan, adibidez, eta Madre Paz, moja katalan batek, "¡ vascaza !" esaten zidan. Nola tratatzen ninduen! Maria Juliak, aldiz, ez. Bera konturatzen zen gaztelania ez menderatzeagatik arazoak nituela, baina ez ninduen mespretxatzen eta asko laguntzen zidan. Etxera burumakur etortzen nintzenean gogoratzen dut aitak esaten zidala: "Ez ezazu gaizki pasa eta zeure buruari ez gogor egin". Nik erronka nuen ikasketekin eta pasatzea lortu nuenean ikaragarria izan zen. Arnasa hartu nuen. Gainera, Maria Juliaren laguntzarekin oso beka ona lortu nuen han ikasten jarraitzeko. Gogorra izan zen, baina nik neuk aukeratu nuen. 10 urterekin eman zioten saria, euskaraz ondo egiteagatik. Amak gorde zion diploma maitasun bereziz du jasota orain. Argazkia: Dani Blanco. Zergatik Zaragozara eta ez Iruñera? Hori dena kaputxinoekin joateko bideratua zegoelako. Ama teresianekin egin nituen ikasketak eta gero tituluak homologatu zizkidaten. Beraz, misiolari joan zinen, baina erlijiosoa izan gabe? Bai. Gobernuz Kanpoko Erakunde baten kutsua zuen ekimen horrek. Inoiz ez dut moja izan nahi izan. Askatasuna maite dut. Konpromisoa bai, eta konpromiso horretan egin behar duzuna txukun egin, baina Elizarekin eta beste erakundeekin loturak, ahal den gutxiena. Baina sinesten duzu? Bai, sinesten dut, baina Eliza, erakunde bezala, ez zait gustatzen. Zer moduzkoa izan zen Ekuadorreko garaia? Bost urte paseak egon nintzen. Hara iritsi eta aurrena ikusi nuena izan zen zer nolako matxismoa zegoen. Kaputxinoak, gizon multzoa, dena zekiten eta agintzen zuten. Baina errealitatea kontrakoa zen. Guk, neska gazteok, prestakuntza berezia genuen maistrak eta erizainak ginelako, eta gainera gure sentsibilitateari esker, indigenak guregana inguratzen ziren oso erraz. Bizipen oso gogorrak ere izan genituen. Erditze batzuetan aritu nintzen laguntzen, adibidez. Behin erditzekotan zegoen emakume gazte batengana iritsi eta han zegoen neska garrasika, etzaleku txar batean botata. Oiloak eta txakurrak inguruan zituen, erortzen zen odola jaten. Ez dakit haurtxoari ere ez ote zioten koxka egin! Lagundu genion ahal izan genuen guztia. Dena txukun-txukun jarri eta joan ginen. Pentsatzen genuen hil egingo zirela biak baina hara non, handik denbora batera, ikusi genuen neska bere haur txikitxoarekin. Hura poza! "Gazte-gaztetatik argi neukan ez nintzela ezkonduko eta ez nuela seme-alabarik izango" Zer ikasi zenuen han? Beste kultura bat dela. Pertsona xumeak eta izugarri eskuzabalak. Haiek ez dute ematen soberan dutena, guk egiten dugun bezala. Gu iristen ginenean oilo bat bazuten edo kui bat bazuten hiltzen zuten guk jateko. Guk ez genuen jokamolde hori ulertzen eta lotsatu egiten ginen. Bestalde, kaputxinoek esaten ziguten oso diskretuak izan behar genuela eta ez genituela mindu behar. Ez bagenuen jan nahi haiek ematen zigutena, ezin genuen ezetz esan edo mespretxurik erakutsi. Modu diskretuan ahotik atera jana eta inguruan zebiltzan katu eta txakurrei eman, baina besteak ohartu gabe. Hori zen lehenbiziko araua. Askapenaren Teologia abian zegoen garai hartan eta guk parte hartzen genuen Leonardo Boff eta beste teologoen mugimenduan. Herriaren nortasunaren alde egiten genuen eta oso gogorra zen ikustea, adibidez, nola iparramerikarrek eramaten zuten haien petrolioa. Oso gaizki pasa zuten. Kitxuen hizkuntza ere ikasi nuen. Ez naiz moldatzen ongi hitz egiteko baina nahikoa ulertzen dut. Hemen ekuadortarren oso komunitate potenteak izan dira, Nafarroan lehenbizi eta Tolosan eta Lasarten gero. Ekuadorreko jendea ikusten dudanean haiekin mintzatzen naiz. Zergatik itzuli zinen? Bost urte eta gero itzuli nintzen, han egoteko gure konpromisoa denbora tarte horretarako zelako. Egia esan kosta egin zitzaidan hango bizimodua ahaztea. Beti aritzen nintzen dena konparatzen. 1975ean iritsi ginen, Franco hilzorian zegoela. Iruñean aritu nintzen hasieran lan bila. San Fermin ikastola hasi berria zen. Martín Martínez de Morente, Maria Julia nire lagunaren anaia, Verbo Divino kongregazioko burua zen hemen. Oso pertsona zuzena, zorrotza eta euskaltzalea eta kongregazioko apaiztegia zena San Fermin ikastolako sortzaileei saldu zien 80 milioi pezetatan. Eraikina balio zuena baino hiru aldiz merkeago saltzeagatik Zamorara bidali zuten. Ez nintzen sartu San Fermin ikastolan euskaraz alfabetatu gabe nengoelako. Donostian hasi nintzen lanean, familia dirudun batzuen adimen urriko haur batzuei klase partikularrak ematen. Orduan hasi nuen nire alfabetatze prozesua. Ondoren, Andoainen, hasi nintzen lanean, Aita Larramendi ikastolan. Epemuga jarri ziguten EGA azterketa lortzeko, oraindik ez genuenoi. Ez dakit zenbat aldiz aurkeztu nintzen azterketara! Konplexu handia nuen eta kateatu egiten nintzen. Azkenean urte batez aurkeztu eta azterketa egunean Aita Villasante egokitu zitzaidan. Ez dut inoiz ahaztuko bere jarrera. Berehala ohartu zen zer gaizki pasatzen ari nintzen eta esan zidan: "Lasai. Zuk idatz ezazu hitz egiten duzun bezala. Zuk oso ondo hitz egiten duzu, gainera. Saiatu zaitez". Hori bera egin eta gainditu nuen. Ikastolako irakasle guztiok titulua eskuratu genuen eta horri esker ikastolak diru-laguntzak jaso ahal izan zituen. Duela 42 urte hasi nintzen han lanean eta duela hamabi jubilatu nintzen. Argazkia: Dani Blanco. Ikasten jarraitzen duzu. Zertan ari zara? Erretiroa hartu eta berehala hasi nintzen EHUn. Hasieran Esperientzia Gelan lau urte izan nintzen Giza Zientziak ikasten. Hura amaitutakoan ikasten jarraitu nahi nuen, baina euskaraz, eta aukera eman zidaten beste ikasketa batzuetan matrikulatzeko. Filosofiaren Historiako ikasgaiak egin ditut sei urtez eta orain Antropologia ari naiz egiten, ez karrera osoa, baizik eta ikasgai solte batzuk. Nire helburua euskaraz ikastea da eta oso gustura nago Iñaki Zabaleta Gorrotxategi, Josu Larrinaga, Mariluz Esteban eta Luismi Huarte bezalako irakasleekin. Zoragarriak dira denak. Buru-belarri ari naiz ikasten. Ondo sentiarazten nau eta gai naizen bitartean ez dut utziko.   Euskal komunikabideen jarraitzaile sutsua ere bazarela esan digute… Oso beharrezkoak dira euskal komunikabideak. Zeruko ARGIA etxean ikusi izan dut noizbait, aitak Iruñean erosia seguruenera. Gero neu egin nintzen harpidedun. Ez naiz dena irakurtzera iristen, baina asko gustatzen zait. Hau mantendu behar dugu bai ala bai. Zer gogoratzen duzu euskaraz hitz egiteagatik txikitan Nafarroako Diputazioaren izenean eman zizuten diplomaz? 10 urte nituen. Ez naiz gogoratzen gehiegi, baina bai han zeudela eskolako maisua, Don Felipe apaiza eta bi gizon ezezagun dotore. Galderak egin zizkidaten euskaraz. Eskolako guztiak geunden han. Nik ez dut gehiegi gogoratzen, baina imajinatzen dut barra-barra arituko nintzela hizketan, orain bezala. Diploma beti gordea izan dut nire beste tituluekin batera, baina hau, altxor oso kutun gisa. Lehentasuna eman diot beti. Sentimentalki eta gure herriaren eta familiaren historian garrantzi handia du diplomak niretzat. Amak gordea zuen. Berari esker daukat nik orain hemen. Nik uste dut sari hori Unanun hasitako ongizate bide berriarekin lotuta zegoela. Unanun aurrerapen handiak egin ziren eta alde handia sortu zen bailaran, alde batetik Unanu eta Dorrau eta bestetik Lizarraga. Sakana osoan Unanu herri berezia izan zen garai horretan. Orain, aldiz, ematen du saria baino gehiago zigorra eman behar dietela Nafarroan euskaraz dakitenei… Gustatuko litzaidake Ana Beltrán [Nafarroako PPko lehendakaria] aurrean izatea, orain biok gauden bezala, eta esango nioke: "Lasaitu zaitez emakumea. Ez dizu lotsarik ematen esaten duzunak?". Emakume hori ez dago ondo, edo fundamentalista da, edo haluzinogenoren bat hartzen du. Ez dute zentzurik esaten dituen astakeriek! Gure bizitza osoan jasan behar izan dugu kanpoko hizkuntza baten inposaketa. Odolez eta gerraz inposatu digute. Gure hizkuntza ez da gaztelania, baina oso ongi dago jakitea, ingelesa eta beste hizkuntzak bezala. Emakume hori ez da ohartzen non dagoen, edo badaki eta probokatzeko egiten du. Baina ez probokatu horrenbeste herria! Zer nahi duzu, beste garai batzuetara itzuli? Zuek nonbait ondo bizi zineten, baina guk ez genuen batere ondo pasa. Kostako zaigu gure minak sendatzea. Esparza [José Javier Esparza, UPNko presidentea] gazteagoa da, baina ikusten zaio ez dagoela ondo, lo gutxi egiten duela. Zer dute halako amorrua izateko euskarari?
news
argia-65124bebd175
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/tania-martinez-portugal.html
"Aitzakia asko sortzen dira indarkeria sexistaren gaia mahai gainean ez jartzeko"
Amaia Lekunberri
2018-07-01 00:00:00
"Aitzakia asko sortzen dira indarkeria sexistaren gaia mahai gainean ez jartzeko" Bere bizipenetik abiatuta eta gertatutakoari erantzun bat emateko beharrizanari jarraituz burutu du Tania Martinez Portugalek eremu aktibistetan ematen diren indarkeria sexisten gaineko ikerketa lana. Beronen eraikuntza lanetan bigarren etxetzat izan duen Bilboko Alde Zaharreko kafetegi txiki batean elkartu gara ikertutakoaz aritzeko. "Izendatzea erresistentzia erradikal modu bat da" diosta laurogeiko hamarkadako feministak gogora ekarriz, eta jan-edanaren bueltan ekin diogu bion artean erresistentzia jardunari. EAEko aktibismo eremuetan indarkeria sexista erreproduzitu eta legitimatzen dela diozu. Diskurtso feminista oso bereganatua duten eremuak izanik, nola liteke? Aktibismo eremuetan indarkeria sexistak ematen diren baieztapen edo aitortza horretatik abiatzen da ikerketa, ez da nik ondorioztatu dudan zeozer. Izan ere, ez da kontu berria genero harremanen erreprodukzioa eta bortizkeria ezkerreko alderdi, kolektibo edota mugimenduetan ere ematen dela. Betidanik hor egon den kontu bat da. Hori bai, gai hauei bigarren maila bat esleitzen zaie. Aitzakia asko sortzen dira gaia mahai gainean ez jartzeko eta menderakuntza mota honi ez heltzeko. Hala nola: kolektiboa kontu politikoez arduratu behar dela, gai burgesa dela, edota kolektiboaren batasuna arriskuan jartzen duela, besteak beste. Kontrara, azkenengo urteetan identitate feministaren nolabaiteko apropiazio bat eman da eremuotan, eta horrek ez luke berez txarra izan behar. Azken finean, kolektiboen baitan zein hauetatik at aritu diren emakume feministen lanak eragina izan duen seinalea da. Hala ere, egun borroka edo kolektiboari prestigioa ematen dion elementu bat da feminismoa. Izan ere, nire ustetan, momentu honetan feminismoa dago ezkerreko abangoardiako pentsamenduen buruan. Baina era berean, oportunismo politiko faktore bat ere bada. Feminismoarekin politikoki zuzena izateko joera dago? Gai hauek inkoherentzia eta deserosotasuna eragiten dute, eta horren aurrean erosoena da politikoki zuzena den diskurtso bat izatea. Baina Jokin Azpiazu eta beste batzuek esaten duten moduan, gure deserosotasunak besarkatzen hasi beharko ginateke. Jardun horretan zein motatako emozio, zailtasun eta oztopoak topatzen ditugun behatzea aberasgarria litzateke.   Egia da subjektuak oso konplexuak garela, eta kontraesanez beteta gaude. Kontua da kontraesan horiek ikasteko aprobetxatzen ditugun ala ez. Talde, kolektibo, alderdi zein sindikatuek ere baliatu ditzakete kontraesanak beraien dinamika eta jardunak hobetzeko. Aktibismo eremuetan beste edozein eremutan indarkeria justifikatu eta legitimatzeko erabiltzen diren logika berberak ematen ei dira. Zeintzuk dira? Bata, eremu publiko eta pribatuaren arteko desberdinketa egitea. Logika honen bidez, bortizkeria politikoa da kolektiboaren erronka nagusia, baina afera pribatuan ematen diren bortizkeriak ez, hauek eremu publikora eramaten ez diren kontu bezala hautemanez. Eraso bezala soilik bortizkeriaren espresio muturrekoak antzematea litzateke beste logiketako bat. Oraindino ez gara kapazak gure artean ematen diren eta erreproduzitzen ditugun bortizkeria ez hain muturrekoetan erreparatzeko. Bestetik, mitoen bidezko iruditegia erreproduzitzen jarraitzen dugu: indarkeria sexista kontsideratu daitekeenaren gaineko estereotipoak dauzkagu, eta erasotzaileak zein erasotuak eredu jakin bati jarraitzen diotela uste dugu, eta ez da horrela. Nire ikerketan, adibidez, parte hartzaileak aktibistak, politizatuak, klase ertainekoak, goi mailako ikasketadunak eta gertatu zaienaren gaineko berrirakurketa termino politikoa egin duten emakumeak dira. Horrek aukera paregabea eman dit biktimaren estereotipo horrekin apurtzeko. Erasotzaile zein erasotuaren eredu zehatz eta zurrun bat izateak aktibismo eremuetan figura hauek identifikatzeko ezgaitasuna sor dezake. Nola zailtzen du horrek erasoak identifikatu, honen aurrean erreakzionatu eta lanketa bat egitea? Kasu ezberdinak daude, eta nik aztertutakoaren arabera, denetarik pasatzen da. Gehiengoaren kasuan, emakumeak erasoa identifikatu du baina kolektiboak ez. Eta horrek emakumearen biktimizazio bikoitza eragin dezake: erasotua izan den emakumeak energia eta esfortzua jarri behar ditu besteek berak bizitakoa ulertu dezaten, helburu horri begira diskurtso egokia bilatzen, taldekideek bi bertsioak entzun behar direla esan edo bere bertsioa kolokan jartzen duten bitartean. Aipagarria da kideek nolabaiteko neutraltasun baten izenean posizio bat ez hartzeko izan ohi duten joera. Ez dira konturatzen goresten duten neutraltasun hori gertatutakoaren inguruan posizio bat hartzea dela. Jendeari kosta egiten zaio eraso baten aurrean hausnarketa bideratu eta posizionatzea, bai indibidual zein kolektiboki. Erasotzaileei dagokienez, normalean biktima posizioa hartzen dute, ezaugarri komun bat mantenduz: eraiki duten militante erreferentearen identitatea zikindu edo arriskuan jartzeko beldurra. Horren aurrean emakumearen bertsioa deslegitimatzen saiatzen dira. "Aipagarria da kideek nolabaiteko neutraltasun baten izenean posizio bat ez hartzeko izan ohi duten joera" Aztertutako kasuetan, erasoa jasan dugun emakumeok geure kabuz bilatu behar izan dugu erreparazio modua. Geure osasuna, denbora eta energia inbertitu behar izan ditugu ongizatea lortzeko. Eta taldeek eman dituzten erantzunak oso kaxkarrak izan dira orokorrean. Baina geroz eta kontzientziazio handiagoa dago. Espero dezagun gauzak mahaigaineratu ahala aldaketak ematea. Behin erasoa salatuta, nola bizi dute emakumeek hortik aurrerako prozesua? Ezin dugu orokortu, baina normalean badira errepikatzen diren emozioak, batez ere amorrua. Egoera horretara heldu izanagatik amorrua, edo taldekide dituen horiek bera sostengatzen ez dutelako amorrua, adibidez. Lotsa ere sarri topatu dezakegu, gertatu zaienagatik beren buruaz lotsatzen dira emakume asko. Prozesu oso luzea da. Hasteko, erasotuak erasoa identifikatu behar du. Batzuek hasieratik egiten dute, beste batzuek denbora gehiago behar izaten dute. Erasoaren identifikazioari dagokionez, beste emakumeek sortutako baliabideak oso baliagarriak zaizkie askori. Normalean bortizkeriaren inguruko testu, diskurtso edota teoria feministak irakurtzen hasten dira; edo badira gai honen bueltan lan egin duten emakumeak, eta bat-batean beraien lana errepasatzerakoan azalean bizitakoa ikusten dute islatuta. Ikerketan parte hartzen duen emakume batek azaltzen du lagun batek tratu txarrak nola pairatu zituen kontatu zionean ulertu zuela zer ari zitzaion gertatzen. Diskurtso feministak eta emakumeen arteko ahizpatasunak bultzatu ohi ditu emakume asko gertatu zaienaren gaineko kontzientzia hartzera, berau termino politikoetan berriz adieraztera. Horrela, esparru pribatuan kokatzen zuten esperientzia hori esparru publikora pasatzen dute, eta osatze prozesuan lehen pausoak ematen hasten dira. Baina noski, oso prozesu luzea da. Eta feminista izateak ez du salbatzen hau guztia pairatzetik. Erasoen aurkako protokoloek betetzen dute beraien funtzioa etxe barruan? Zailena zera da, ni neu edo alboan dudan laguna bortizkeria erreproduzitu dezakeen norbanako bezala hautematea. Gainera, ez da berdina protokoloa erasoa kanpoan ematen denerako edo barruan ematen denerako garatzea. Bestetik, uste dut eremu aktibistetan egin beharreko protokoloak ezin direla izan enpresa edo instituzio batean egin ahal direnak bezalakoak. Izan ere, kolektibo hauetan bestelako giza harremanak sortzen dira eta bestelako logikak daude. Horretaz gain, protokoloa ezin da helburua izan eta arreta prozesuan jarri behar dugu, parte hartzaile askok azpimarratzen duten moduan. Nire iritzian eremu aktibistetan gauzak beste era batera egiteko aukera daukagu. Eremu pribilegiatua daukagu instituzioen aldetik dagoen hori hobetzeko. Izan ere ikasiak gara instituzioa kritikatzen, baina ez hainbeste autokritika egin eta beste estruktura batzuk eraikitzen. Dena den, norabide horretan bidea egiten ari da. Joera dago erasotzailea kanpoko norbait bezala imajinatzeko, eta ez oso gertukoa. Bai, nire ustetan hori da zailtasun handienetarikoa. Aipatu dugu mugimendu sozialetan ematen diren logika berezien artean "gu" eta "haiek" bereizketa aurkitzen dugula. Logika honek bortizkeria matxistak taldetik kanpo gertatzen diren fenomeno bezala hautematera eramaten gaitu. Ahoa betetzen zaigu bortizkeria estrukturala dela esanez, baina kontrara, bortizkeria gure gorputz eta kolektiboetan identifikatzea ez zaigu erraza egiten, ez gara kapazak estrukturaltasun horrek benetan zer esan nahi duen ulertzeko. Irla batzuk al gara? Ez gaituzte gizartean ematen diren logika eta botere harreman guztiek zeharkatzen ala? Honetan guztian, zein toki betetzen dute edo nola eragiten dute 'gizontasun berriek'? Adibide bat jarriko dut galdera honi heltzeko: ikerketan parte hartzen duen emakume baten erasotzailea berdintasunaren aldeko gizon bat da. Nahiko esanguratsua da, maila diskurtsiboan feminismoaren aldarrikapena barneratzeak edo menperatzeak lanketa eman denik ziurtatzen ez duela adierazten baitu. Eta hala da maila indibidual zein kolektiboan. Ezkerrekoa izateak ez zaitu feminista egiten, nahiz eta hori uste duen askok. Diskurtso feministatik harago autokritika, desikaste zein deseraikuntza prozesu pertsonal eta kolektiboak eman behar dira. Ikerketan parte hartu duen emakume batek aipatzen zuen femeninoan hitz egiten zuten gizonak zeuden kolektibo batera lehen aldiz heldu zenean, zer pentsatua eman ziola. Zer esanik ez, festa giroan gizon horiengandik jazarria sentitzean. Eta azaltzen du femeninoan hitz eginda ere, gizon horiek zirela asanbladetan gehien hitz egiten zutenak. "Zailena zera da, ni neu edo alboan dudan laguna bortizkeria erreproduzitu dezakeen norbanako bezala hautematea" Egunean jarri behar gara maskulinitate hegemonikoen ezaugarriak zein diren identifikatzerako orduan, eta hau ez diot nik bakarrik, Jokin Azpiazuk ere ohartarazten gaitu horretaz. Izan ere, maskulinitate hegemonikoak ezaugarri oso ezberdinekin ari dira erreproduzitzen, baita ezkerrean ere. Agian orain arteko gizontasun hegemoniko modeloak zaharkituta daude, eta beste batzuetan arreta jartzen hasi behar gara, hauek erreproduzitzen duten bortizkerian erreparatu nahi baldin badugu. Ikusi beharra dago diskurtsoetatik harago zer ari den gertatzen. Gizontasun berriak gorpuztea estrategia izan daiteke? Bai. Azken finean, nolabait esateko, gaur egun boterean jarraitzeko diskurtso feminista izatea "beharrezkoa" da: elementu prestigiotsua da. Badira gizon asko Judit Butler zuk eta nik baino hobeto zitatzen dutenak. Baina gero, beraien egunerokotasunean, hainbat botere harreman erreproduzitzen jarraitu dezakete. Beraz bai, boterea mantentzen jarraitzeko estrategia bat izan daiteke. Batzuen kasuan noski, ez guztien kasuan, esan beharra dago. Baina izan daiteke, bai. Horrek perbertsoagoak diren erasoei bide eman diezaieke? Noski. Erasotzaile batzuek tratu txarren iruditegitik at dauden mekanismoak darabiltzate erasotzeko, gure iruditegian daukagun erasotzaile ereduaren bereizgarriekin bat egiten ez dutenak. Eta gero desberdintasun hori erabiltzen dute emakumearen bertsioa deslegitimatzeko, beraiek erasotzaile eredua betetzen ez dutela argudiatuz. Erasotuaren eredua ere erabiltzen dute beraien alde, emakumeak ereduari dagozkion ezaugarriak bete ezean biktima ezin izan daitekeela argudiatuz. Ezkerreko eremuetan ematen diren eraso sexistak tabuak dira? Nire ustez gaur egun Euskal Herrian errealitate ezberdinak ditugu: kolektibo batzuetan tabu bat izango da, beste batzuetan deserosoa, beste batzuetan gertatzen ez den zerbait – ironia tonuaz -, eta beste batzuentzako erronka. Hala bada, ezin ezer orokortu. Militantzia eredua ezbaian jarri beharra agerian geratzen da beraz. Batzuontzat bai, baina erronka da guztiok ikustea beharrizan hori. Pausoak ari dira ematen, eta bide horretan jarraitu behar dugu. Jakin edo aurreikusi behar dugu iraupen-lasterketa dela, eta seguraski ez dugula inoiz amaituko. Baina gaia mahaigaineratzen jarraitu behar dugu, gauzak ezbaian jartzen, deserosoak izaten. Nire lana bide horretan ekarpen txiki bat da, erronka horri heltzeko.
news
argia-e78c32901ae5
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/lekutan-gaude.html
Lekutan gaude
I�aki Odriozola Sustaeta
2018-07-01 00:00:00
Lekutan gaude Ilustratuek botere politikoaren herritartasuna aldarrikatu zutenean ez zeukaten Marxen berri, eta izatez, erregimen zaharraren kontra ari zirela, aurrerapena egin zuten, garaiko elite feudalak, noble eta erregeak bota, eta kapitalaren eremua ezarri, berdintasunaren eredu. Ilustratu gehienak jendartean murgildurik zeuden egoerak aldatu nahian, eta burgesiaren ideologo lez, ez zuten izan historiaren egitura eta garapenaren benetako kontzientziarik. Kontzientzia hori beranduago sortu zen, filosofia germanikoaren goreneko kontzeptualizazio abstraktuetan, Hegelen eskutik. Marxek, Hegelen pentsamendua irauli zuenean, ilustratuen azaleko pentsamendua azaleratu zuen, eta jendarteen oinarrizko garapen indarrez konturatu. Marxen ondorioa garbia izan zen, hots, botere politikoa, beti, botere ekonomikoaren menpeko dela. Eta honek eraikitzen duela legeria, estatu instituzioak eta jendartearen oinarrizko sinesmen eta ideiak, zientzia, artea eta erlijioa barne. Manifestu Komunistan, Marxek garbi baieztatu zuen gobernu burgesen izaera instrumentala, "botere publikoa, burges klasearen interes kolektiboak defendatzen dituen administrazio kontseilua besterik ez dela" zioenean. Ideia hau, batxilergoan erakusten dena, hain da oinarrizkoa, ezen munduan gertatzen den edozein egoera politiko, sozial eta ekonomiko sakonki ulertzeko balio duen. Lehen pulpituetatik bezala, orain telebista edo sare sozialetatik, elite ekonomikoen aldeko mezua inoiz baino indartsuago hedatzen da, eta jendarteari errealitatea euren erara irudikarazten diote Horregatik zaila egiten zait, euren burua jakintsutzat duten tertuliano, politikariek edo kazetariek entzutea esanaz, "demokrazia guztion gobernua da", "konstituzioa guztien artean egindakoa da", "hiru botereen arteko independentzia dago", "kazetariak eta komunikabideak objektibitatea bilatzen dute", "justizia guztiontzat berdina da", "hau legearen inperioa da, eta demokrazia legea betetzea da, herritarren bozka nahiaren gainetik", "bakea da balio gorena", eta abar, eta horrelako hainbeste azaleko esaldi zentzugabe fosilizatu. Marxen ostean, ideia hauen balio bakarra eliteen zerbitzura jarritako ideologia izatea da, eta babesleak, edo eliteak dira, edo euren zerbitzura dauden gobernari, polizia eta epaileak, euren menpe dauden komunikabideak, edo euren zerbitzura jartzen diren –ez dakit zeren truk– hainbat eta hainbat sistemaren barruko morroi esker oneko. Lehen pulpituetatik bezala, orain telebista edo sare sozialetatik, elite ekonomikoen aldeko mezua inoiz baino indartsuago hedatzen da, eta jendarteari errealitatea euren erara irudikarazten diote, zer pentsatu eta zer egin agintzen, beste ideia guztiak zapalduz, desagerraraziz edo kriminalizatuz. Lekutan gaude ideia berriak eta aurrerakoiak, behetik, eta boterearen aurka, hegemoniko izatea lortzeko. Ikusten zirrikiturik?
news
argia-2e7d78de0c3e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/independentzia-2029an-matematikoki.html
Independentzia 2029an, matematikoki
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-07-01 00:00:00
Independentzia 2029an, matematikoki Figueres (Girona), 1947ko urtarrilaren 22a. Alexandre Deulofeu (1903-1978) farmazialari eta matematikaria Frantziako erbestealditik itzuli zen. 1936ko Gerran Figuereseko alkate errepublikarra izaki, 1939ko otsailean ihes egin zuen. Itzultzean, berriro ere botikan hasi zen lanean, baina ez zuen baztertu gaztetatik zeukan beste grina, historia matematikaren bidez aztertzea. "Historiaren matematika" izeneko teoria garatu zuen. Oswald Spengler eta Arnold J. Toynbee-ren pentsamoldearen ildotik, zibilizazioen izaera ziklikoa aldarrikatu zuen, baina bi horiek baino zehaztasun matematiko handiagoz hornitu zuen ideia hori. 1951n La matemàtica de la història liburuan laburbildu zuen bere  teoria, baina orotara 23 liburuki idatzi zituen gaiaren inguruan –eta hil zenean oraindik bukatu gabe zuen obra mardula–. Deulofeuren kalkuluen arabera, zibilizazioek 5.100 urte irauten dute gutxi gorabehera, eta 1.700 urteko hiru alditan banatuta zeuden. Inperioek aldiz 550 urteko iraupena dute batez beste. Ziklo orokor horiez gain, jakina, kalkulu xeheagoak ere egin zituen eta horrek etorkizunean gertatuko zenari buruzko hainbat aurreikuspen egiten lagundu zion. Baina akademiko garaikideek ez zuten ikerlari seriotzat jo. Deulofeuren biloba Juli Gutierrez izan da orain arte aitonaren lana errebindikatu duen bakanetakoa eta hark kontatzen du Deulofeuk nola bidali zion bere lehen liburuaren ale bat Jaume Vicens Vives historialari ezagunari. Historialariak Deulofeuren lana mespretxatu zuen eta botikara itzultzeko esan zion. "Ostrazismo horrek min handia eman zion", dio Gutierrezek, eta historiako gradua ikastea erabaki zuela gaineratzen du, "historialariekin maila berean eztabaidatu ahal izateko". Gerora Alexandre Deulefeuren hainbat aurreikuspen beteko ziren pixkanaka. Sobietar Batasuna noiz desegingo zen asmatu zuen, Jugoslavia zatikatuko zela ere bai, edota Alemania berriro batu eta indartuko zela. Baina, hil ondoren ere, aditu gutxik aitortu zioten meritua. Horietako bat da Enric Pujol historialaria. "Eremu akademikoan teoria ziklikoak gutxiesten dira. Lan enpirikoa balioesten da, ez lan filosofikoa. Deulofeuren ekoizpen intelektuala oso interesgarria da eta bere tokia merezi du historiaren filosofian. Egin zituen aurreikuspenak betetzen diren ala ez gutxienekoa da". Baina azken aldiz botikariaren aurreikuspen batek interesa piztu du askoren artean eta haientzat Deulofeuk esandakoa betetzea ez da gutxienekoa. Espainiar Inperioak –hala esaten zion berak– bost mende eta erdiko zikloa beteko du 2029an eta berau osatzen duten herriak aske izango dira orduan. Hortaz, Figueresko botikariaren teoriari helduz gero, ez dago soilik gure esku, matematikaren esku ere badago.
news
argia-d0717c702d15
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/houston-arazo-bat-daukagu.html
"Houston, arazo bat daukagu!"
Nagore Irazustabarrena Uranga
2018-07-01 00:00:00
"Houston, arazo bat daukagu!" Filmetatik eguneroko hizkuntzara zabaldu zen esamolde ezagun hori benetan entzun zuten Houstonen (Texas, AEBak) NASAk duen egoitzan 1970eko apirilaren 13an. Mezua Apolo XIII ontziko pilotu Fred Haise-k igorri zuen. Bi egun lehenago aireratu zen suziria Ilargira iristeko asmoz, baina bidean leherketa batek ontziko elektrizitate, ur eta oxigeno hornidurari eragin zion. Houstoni laguntza eskatu zioten arren, azkenean, ontziko eskifaiak erabaki zuen Ilargia zapaltzeko erabili behar zuten modulua salbamendu-txalupa gisa erabiltzea. Hala, modulua apirilaren 17an erori zen itsasoan eta handik bizirik erreskatatu zituzten hiru astronautak.
news
argia-eda60807044e
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/bizitza-hegaldatzeko-ahala.html
Bizitza hegaldatzeko ahala
Itziar Ugarte Irizar
2018-06-25 00:00:00
Bizitza hegaldatzeko ahala Ekainainaren 21ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainitako kontzertuaren kronika. Lagun bat inpresio eske biharamunean: zer, zer nabarmenduko zenuke atzokotik? Une bat? Kantu bat? Eta zu pentsakor, bat ezin esan, kolpe argi bat, buruan oihartzun egiten jarraitzen dizun irudi bat baino areago, tripetan su-inar txikiak utzi zizkizula azaltzen saiatzen zara. Ahurriak eta ugariak. Baina kantu bat esatera, Epilogoa diozu, Txap ekin batera kantatua, indar hori nahi zenukeelako beti. Anariren azken diskoko azken kantu hori diozu, ez alferrik, Anariren 21 urteko ibilbidea, nolabait, berrienetik zaharrenera egin duzulako zuk, Epilogo bat (2016), eta Zure aurrekari penalak (2015) lanetatik Anari –raino (1997) kasik, musikariak berak Adarra saria ospatzeko hautatu zuenaren kontrako norantzan. Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik saria jaso eta lehen diskoa irekitzen duten berbekin hasi baitzuen emanaldia Anarik. Gaua da, kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan, eta ilargiak ez dit esaten, ez non, norekin ikusten zaituen gau hontan . Egungo bandakideekin azaldu zen agertokira –Mikel Abrego baterian, Drake baxuan, Ander Mujika gitarran eta Mariano Hurtado teklatuan–, baina ez bakarrik. Iragarria zien zaleei orain arteko diskoetan konplize izandakoak gonbidatu zituela, eta Xabi Strubell eta Pello Ramirez izan ziren lehenak agertzen. Publikoa aulkietan lasai, kanturik kantu joan zen ehuntzen emanaldia: Gure mundua, Minaren funtsa, Bihotza galdu dut, Denbora … Petti eta Mursego igo ziren hurrengo. Jon Oiartzun Jomes heldu zen ondotik, eta Aztarnak jo zuten Anari eta bien artean, gitarra eta zerra, biharamunean lagunari kontatzeko une ederretako bat. Zebra (2005), Irla izan (2009), Bidea eta denbora (2013) diskoetako aleak jarraian, eta konplize gehiago: Borja Iglesias, Beñardo Goietxe, Karlos Osinaga Txap , Ager Insunza. Familia bat ospakizunean, eta publikoa haien gertuko, musikatik bizitza hegaldatzeko ahala ospatzen agian. Topera zegoen Victoria Eugenia. Sartu aurreko giroa ere aztertzekoa zen, biharamunean lagunarekin komentatzekoa gutxienean. Irteeran, dena esatera, esango nuke bat baino gehiago geratu zela gorputza gehiago askatzeko gogoz, Anari bereagoak diren eremuetan gozagarriagoa dela iritzita. Besterik zen emanaldi hura, baina, eta hori ere fin bete zuen taldeak. Kantuak kolpetik sartu baino, bestela ahogozatzeko tartea bihurtu zen hartara. Bakarrik eta mikrorik gabe, oholtza puntan Ihia jo zuen gitarra hutsez. Iparraldeko neska ekarri zuen bisak gero, eta, azken opari bat; Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua kantu berria eskaini zion publikoari, konplizeak oholtza gainean dantzan. Su-inar txikiena zuretzat utzita, familia horren gertuan segitzeko irrika nabarmendu diozu lagunari, hori eta bere garaian galdu zenituenen bila joateko behar bat.
news
argia-4daae9904eb7
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/helmandetik-kabulera-bakearen-aldeko-herri-urratsak-afganistanen.html
Helmandetik Kabulera, bakearen aldeko herri urratsak Afganistanen
Pello Zubiria Kamino
2018-07-01 00:00:00
Helmandetik Kabulera, bakearen aldeko herri urratsak Afganistanen Afganistango 40 urteko gerra amaiezinak 10 eguneko bake aldi bitxia ezagutu du ekainean Ramadanaren bukaera ospatzearekin. Tartean, bakearen aldeko mobilizazio deigarriak ikusi dira, txikiak izan arren esanguratsuak. Adiskidetze irudi hunkigarriak gertatu dira herrietan. 1978tik hona ia bi milioi herritarren heriotza eta bost milioi gehiagoren ihesa ekarri duen gerrarekin nekatuta daude jendeak, bakea eskatuz karriketan manifestatzera arriskatzeraino. Common Dreams hedabide aurrerazaleak zabaldu zuen ekainaren 11n: " Bakea nahi dugu: oinezko ibilaldi bat doa Kabulerantz gerra eta okupazioa salatuz . (...) Gerra amai dadila eskatzeko, dozenaka afganiar ari dira oinez egiten Helmand hiritik Kabulera dauden 650 kilometroak". Denak gizonezkoak, gazteenak 17 urte, 60tik gorakoak asko, ibiltarien artean baziren baserritarrak, militar erretiratuak, unibertsitateko ikasleren bat, irakasleak, kaletar ofizio ezberdinetakoak... Batzuk gerrak gogor zauritutakoak: poeta dela dioen batek oraindik petxuan darama tiroka sartu zizkioten lau baletako bat, mekaniko izandako bat gerrak itsu utzi zuen, bazen gaizki artatutako poliomielitisagatik makuluak behar dituen bat ere. Zaher Ahmad Zindanik, bide bazterreko bonba batek itsutu zuenak, dio kazetariari: "Nekatuta gaude odoluste honetaz". Martxoan hasi zen protesta Helmand probintzian. 23an, ostirala eta jai eguna, Lashkar Gah hiriburuan suizida batek jende artean leherrarazitako bonbak 14 hildako –tartean haur mordoxka– eragin zituenean, zenbait militantek triskantzaren lekuan eserialdia antolatuz erreakzionatu zuten. Mujib Mashal eta Taimoor Shah kazetariek idatzi zuten New York Times -entzako kronikan : "Beren haserre eta tristuraren erdian, ez zuten mendekua eskatu baina bakea". Ondoko egunetan biktimen guraso asko hurbildu zen Lashkar Gahko plaza hartan ekintzaileen oihalezko etxolara, beren penak kontatu eta protestan ari zirenei atxikimendua adieraztera. Ekintzaileek bakearen aldeko ibilaldia hasteko asmoa zabaldu zutenean, Helmand probintzia gehiena kontrolatzen duten talibanek ez abiatzeko agindu zieten. Mugitu ezinean, gose grebari ekin zioten orduan, Taliban aginteari bezala Kabuleko gobernuari eskatzeko su-eten bat, denik eta laburrena izanda ere. "Ez dugu asko eskatzen: bi eguneko su-etena". Hilabete eta erdi geroago, maiatzarekin bederatzi lagun partitu ziren Lashkar Gahtik oinez Kabulerantzako ibilaldian. Haien izenean Bacha Khan Mawladadek jakinarazi zizkien beren eskariak kazetariei: "Lau gauza eskatzen ditugu. Bat, borrokan ari diren alde guztiek onartu dezatela su-etena Ramadanak dirauen bitartean. Bi, erabaki dezatela zein lekutan hasi bake elkarrizketak. Hiru, adostu dezatela denen arteko gobernu bat. Lau, elkarrekin adostu dezatela atzerriko tropa guztiek Afganistandik alde egiteko data". Afganistango albisteak hedatzen dituen Tolo News -en kronikek jarraitu dituzte bakezaleen urratsak. Lau egun behar izan zituzten Helmandeko hiriburutik Kandaharreraino iristeko. Ibiltariek herritarrei deitzen zieten hurbiltzera: "Oker ari baldin bagara, esaiguzue, baina zuzen ari baldin bagara lagundu gure kanpaina aurrera ateratzen". Ghazni hirira iritsi zirenerako, bakearen erromesen albisteak zabalduak ziren eta jendetza handiak egin zien ongi etorria, nahiz eta bidean oztopo bat baino gehiago aurkitu inguruetan nagusi diren talibanen aldetik. "Baina elkarrekin hizketan hasita, berehala ohartu ginen haiek ere gerraz nazkatuta daudela". Wardak probintzian ere jende asko hurbildu zitzaien. Ordurako dozena batzuk izatera iritsiak ziren ibiltariak. Tartean zeramaten Nek Mohammad 75 urteko aitona ere, bere familia Ghazniknlagata. Emakumeak irten dira Jalalabaden Ekainaren 18an , ehunka konta zitezkeen Kabul hiriburuko karrikak bake aldarrikapenak eginez zeharkatu zuten ibiltariak. Hala bukatu zuten 650 kilometro oinezko bidaia, udaberriko bero galdatan eta gehienik Ramadan betean egina, esan nahi baita, goizeko 06:00etatik iluntzeko 21:00etara ez janik eta ez urik hartu barik. Hala ere, egunean 20-25 kilometro aurreratu beharra zeukaten garaiz iristeko. Amaierako argazkietan ibiltariak leher eginda ageri dira, oinak zaurituta, batzuei hidratatzeko sueroa jarri behar izan zieten. Hala eta guztiz ere, bide osoa burutu duen ekintzailetako batek, medikuntza ikasten ari den Iqbal Khayberrek, merezi izan duela esan die kazetariei: "Ikusi ditut gauzak sekula ikusi gabe neuzkanak.  Egon gara jende askorekin bai talibanek eta bai gobernuak kontrolatutako eremuetan eta denak daude gerrarekin nekatuta". Sekula edo aspaldi ikusi gabeetako bat izan da ekaineko su-etena bera, Ramadanaren amaiera markatzen duen hiru eguneko Eid al-Fitr festa dela eta Afganistango lehendakari Ashraf Ghanik ekainaren 12tik 20rako eta taliban buruzagiek justu festako hiru egunetarako iragarri zutena. Meniazko egun horietan irudi hunkigarriak ikusi ahal izan omen dira Afganistango bazter guztietan, urte luzez elkar ikusi gabeko senide eta lagunak topo egiten, aspaldi etxetik ihesi joandakoak bisita laburrerako bederen sorlekura itzultzen... Tamalez, treguak ez du segidarik izan, bateko eraso eta besteko atentatuekin ondo nabarmendu dutenez. Asteotan izan da gertakizun harrigarri gehiago ere, gure begi-belarrietara iritsi ez diren arren. Aipatu bakearen aldeko ibilaldia martxan zebilen egunetan, tregua abian jarri berritan, Jalalabad hirian bi dozena emakume irten ziren kalera bakea eskatzeko manifestazioan: "Dozenaka emakume manifestatu dira Jalalabadeko Mukhaabrat plazatik Pashtunistan plaza artean ekainaren 13an, iftar [Ramadan egunetan baraualdia bukatzeko ordua] ondoren, talibanei eskatzeko beraiek ere aldarrikatu dezatela su-etena". Asia Times -ek bildu zituen bere kronikan neska eta andrazkoek paperetan zeramatzaten mezuak: "Urteak daramatzagu gerran eta aski da", "Borroka honek ez digu ezer onik ekarri, soilik hilketak, zaurituak eta ezinduak gure haur eta senideen artean"... 2018ko lehen hiru hilabeteetan gutxienez 2.200 zibil hil ziren edo gobernuaren aldeko tropen edo matxinoen erasoz. Afganistandik NATOko militar gehienak 2015ean erretiratu ziren arren, AEBek ez dituzte erasoak inoiz amaitu eta, hori gutxi balitz, Donald Trump lehendakariak agintea hartu bezain fite adierazi zuen berriro indartuko zuela militar yankien presentzia herrialdean. Gerra amaitzeko esperantza gutxi. Kathy Kelly militante bakezaleak adierazi berri duenez, AEBk interes handia daukate Indu Kush mendien lurpean pilatutako metaletan, Kabul inguruan kobrea ematen duen Mes Aynak meategi erraldoian bezala. Horiek ustiatzeak, ordea, are larriago bihurtzen du klima aldaketak han urritu duen uraren eskasia. Gerra, lanik eza, soroen agortzea... Afganistango herritarren %60 dira 35 urte baino gazteagoak. Atzerrira joango lirateke, baina nora joanik ez dute. Europan amets egitea alferrik dute.
news
argia-db69b2e68679
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/kolonbia.html
Bakearen nahi eta ezina
Ander Perez
2018-07-01 00:00:00
Bakearen nahi eta ezina Bake akordioen ondorenean bizi da Kolonbia, bake osora iritsi nahi eta ezinean. Herrialdeak normaltasun itxura eskaintzeko ahaleginean dihardu, baina indarkeria gorde du oraindik barrenean. Hitzarmenak betetzeko zailtasunei, negoziazioen aurkari nagusi izan den uribismoaren itzulera gehitu behar zaie orain, Ivan Duque presidente berriaren eskutik. Momentuz, agindu du ez duela bake akordioa "birrinduko", baina aldaketak aurreikusi ditu. Medellingo Memoriaren Etxeko paretan, eraikinera sartu eta berehala, bisitariarentzako ohartarazpen kutsuz mintzo da testu bat: "Ez dago egia bat. Ez dago historia osorik. Norberak kontatzen du, bere ikuspegitik, izandako rola. Eta elkar gurutzatzean eraldatzen dira kontakizunak, aberastuz eta korapilatuz". Hitz gutxitan, izan liteke hori Kolonbia osoaren metafora. Gurutzatzen baitira bere geografian istorio eta historia ezberdinak, bertsio kontrajarriak, bandoak eta lubakiak, norbere ahots eta kontakizunez, elkar katramilatuz eta nahastuz, bake izan nahi duen egoera berri horretan. Sartu liteke Kolonbia osoa Medellingo lau paretetan. Museoa da Memoriaren Etxea, baina dokumentazio gune bezala ere dihardu: ehunka testigantza eta ahots biltzen ditu, mende erdi luzeko gerraren lekuko gisara. Panel eta pantailetako zifrak, nonbait, "osatu gabeak" dira, eta horregatik, zenbakiak baino, biktimen hitzak eta irudiak mintzo dira ozenen museoan, eta hotzikara eragiten dute. Bisitaria, babesgabe, hilketek, bortxaketek, desagerpenek, torturek, mehatxuek eta beldurrak osatzen duten anabasaren erdian erortzen da. Horregatik dio han askotan izan den batek: "Sarri ikusi dut jendea negar malkotan, museotik ateratzean". Kontaketa bateraturik ez badago ere, oro har onartua dago zortzi milioi inguru direla 60 urtetako gatazkak utzitako biktimak. Horietatik, 250.000 inguru lirateke hildakoak, 50.000 desagertuak, eta zazpi milioi, gutxi gora behera, indarkeriaren ondorioz euren etxea utzi behar izan zutenak. Errealitate horiek denek dute tokia Medellingo zentroan, eta agertzen dira biktimen kontakizun lazgarrietan, argazkietan, egunkari-zatietan. Aretoko bideo batean, ordea, bira eman du bat-batean sentsazio orokorrak: elkar besarkatuz ageri dira herritarrak, barre algaraz, pozarren negarrez baten bat, jauzi alaietan bestea. 2016ko irailaren 26koak dira irudiak, Cartagenan jasoak. Kameraren fokua herritarrengandik aldentzean agertzen dira pantailan Juan Manuel Santos presidentea eta Rodrigo Londoño Timochenko FARC-EP gerrillaren buruzagia, alkandora zuriz biak, bolaluma eskutan, bake akordioa sinatzen. Medellingo Memoriaren Etxea. Argazkia: Ander Perez Keinu horren ondorenean bizi da egungo Kolonbia. Urtetako negoziaketen ostean gobernuak eta Latinoamerika osoko gerrilla esanguratsuenak lortutako hitzarmenak esperantza eraman zuen herrialdera. Ilusioak astebete iraun zuen, Cartagenako sinaduratik egun gutxitara egindako erreferendumean, kolonbiarren %50,21ek baztertu baitzuen Habanako akordioa. Hamarreko gutxi batzuek eman zioten garaipena ezezkoari. Santosek, hala ere, aldaketa txiki batzuk egin, eta indarrean mantendu zituen akordioak. Galdeketak, edonola, argi erakutsi zuen herrialdearen zatiketa, eta bake akordioak, aurrera egitekotan, topatuko zituen oztopoen tamaina agerrarazi zuen. Akordioak betetzeko zailtasunak Bost puntu nagusik osatzen dute Habanako hitzarmena: nekazaritza erreforma, parte hartze politikoa, gatazka armatuaren amaiera, droga laborantzen ordezkapena eta biktimentzako erreparazioa eta justizia. Lehenengoak, lurraren jabetzari dagokionak, Kolonbiako Gobernuak bake prozesuari esleitutako aurrekontuaren %85 pilatzen du, huraxe baita teknikoki zailtasun handienetakoak dakartzana. Kalkuluen arabera, estatuak 230.000 familiari itzuli beharko lizkioke lurrak, desplazatutako herritarrak etxera itzularaziz. Lurren jabetza argitzeak, ordea, anabasa juridiko eta burokratiko handia dakar, eta ikaragarri mantso doa prozesua. Eta okerrago dena: egoerak lurren inguruko gatazkak areagotu ditu; 2016 eta 2018 bitartean, berrehundik gora herri mugimenduko militante hil dituzte: gehienak, lur banaketa justuaren aldeko zein legez kanpoko meatzaritzaren aurkako aktibistak ziren. "Hilko gaituen gerrarik ez, zapalduko gaituen bakerik ez" leloa Medellingo Memoriaren Etxean. Argazkia: Ander Perez FARCen desmobilizazioak, gainera, botere lehia eragin du gerrillak orain arte kontrolatutako eremuetan. ELN gerrillak –gobernuarekin bake negoziaketa gorabeheratsuetan ari dena–, paramilitarrek eta droga trafikoarekin lotutako taldeek dihardute, nor baino nor, eremu horien jabe izateko talkan. Egoerak, bide batez esanda, are gehiago zailtzen du bake akordioaren laugarren puntua, droga laborantzen ordezkapenari dagokiona. Kokainaren negozioa Kolonbiak bizi duen gatazkaren ardatzetako bat izan da historikoki. Bake hitzarmenaren bitartez, Estatuak koka-landareen ekoizpenean aritutako nekazariei laguntzak emateko konpromisoa hartu zuen, azken hauek laborantza ordezkatu eta bestelako laboreak landu zitzaten. Laguntzak, ordea, mantso iristen dira, edo ez dira iristen, eta ordezkapenaren alde aritzen diren nekazal buruzagiak narkotrafikatzaileen eta paramilitarren armak dituzte aurrez aurre. Parte hartze politikoaren aldeko puntuak erakundeetara eraman du FARC gerrilla zena, armak utzita baina siglak mantenduta, alderdi politiko gisara. Lehen parte hartze legalak, halere, argi utzi du gizartean duen babes falta. Bake akordioaren ondorioz, gerrillari ohiek hamar eserleku dituzte zuzenean parlamentuan –bost ordezkarien ganberan, eta beste bost senatuan–. Pasa den martxoan egindako hauteskunde legegileetara, ordea, ordezkaritza hori zabaltzeko helburuz aurkeztu ziren FARCeko kideak. Alferrik: alderdiak botoen %0,34 baino ez zuen eskuratu. Hortik gutxira, presidentetzarako hauteskundeetan parte ez hartzea erabaki zuten, kanpainan jasotako erasoak eta Timochenko hautagaiaren osasun egoera makala arrazoituta. Edonola, bake akordioen hirugarren eta bosgarren puntuek eragin dute erantzun biziena. Gatazkaren amaierari dagokion atalak bi aldeetako su etenari, desmobilizazioari eta armagabetzeari egiten die erreferentzia. Biktimen erreparazioaren puntuak, aldiz, justizia trantsizionala deitu denarekin eta egia guztia azaleratzeko sortutako batzordeekin du zerikusia. Bi horietan, estatuaren amore ematea eta gerrillarientzako inpunitatea ikusi dute Kolonbiako sektore kontserbadoreenek. Egiaren batzordeak, gainera, batzuk urduritu ditu, Estatuaren gehiegikeriak azaleratu ditzakeelakoan. Horregatik guztiagatik hartu zuen uribismoak bake akordioen aurkako lidergoa. Ordura arte ezezagun zen batek gidatu zuen oposizioa. Ivan Duque zuen izena. Argazkia: Friends of Medellin. Duque, uribismoaren itzulera Ekainaren 17an egin berri da Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta, emaitzak eskuetan, Ivan Duque Centro Democratico alderdiko hautagaia izango da errepublikako presidentea. Eskuindarrak ez du ibilbide luzea, baina Alvaro Uribe presidente ohiak babestutako hautagaia izateak parez pare ireki dizkio aginterako ateak. Uribismoa buruzagi ohiaren inguruan sortutako mugimendu politiko indartsua da, eskuineko sektoreak eta elite ekonomikoak biltzen dituena. Bere agintaldian gerrillen aurka agindutako errepresio gogorrak sona eman zion Uriberi Kolonbiako gizartearen sektore zabaletan, baina politika horrek berak erabateko arbuioa ekarri zion beste batzuetan. Asko dira giza eskubideen urraketekin –tartean, gerrillari bezala aurkeztutako zibilen hilketak– eta narkotrafikoarekin lotzen duten ahotsak. Uribismoak, ordea, sendo dagoela erakutsi du, bere hautagaia herrialdeko presidentetzan jarrita. Orain, bake akordioekin zer egingo duen ikusteke dago. Hitzarmenaren aurkako ahots sendotzat eman zuen Duquek bere burua ezagutzera, baina diskurtsoa leunduz joan da azkenaldian. Presidentetza eskuratuta, "moldaketak" agindu ditu, eta  "kolonbiar guztientzako bakea" eraikiko duela. Hala ere, argi utzi nahi izan du ez duela bake hitzarmena "birrinduko", eta bada zerbait: bere gorabeherekin, bake nahia hain sendo errotu da kolonbiar gizartean, ezen sektorerik erreakzionarioenak ere ezin baitu haren aurka kokatu. Edonola ere, ez dago dudarik: Duqueren garaipena, bultzada baino gehiago, beste oztopo bat izango da orain arte hauskor ibili den bake prozesuarentzat. Zailtasun teknikoei, borondate politiko mugatuari eta desagertzen ez den indarkeriari beste elementu bat gehituko zaio aurrerantzean: uribismoaren itzulera, zortzi urte eta gero. Gustavo Petroren hitzartzea hauteskundeetako ekitaldi batean. Argazkia: Noticias de Bariloche Ezkerra, inoiz baino sendoago Hauteskunde eguna Santa Martan. Karibeko kostaldeko hirugarren hirian, hauteskundeetako lehen itzulian, botoa ematen ari dira herritarrak. Erdigunetik gertu, kanpainarako atondutako lokalean, bozkaketen jarraipenean ari dira Kolonbia Humanako kideak. Gustavo Petro ezkerreko hautagaiaren inguruan antolatutako koalizioan ilusioz bizi dute eguna. Tokiko kanpainako koordinatzaileak –nahiago du izena gorde, erasoen beldur– argi du apustua: "Petrorena da programarik onena, bai hezkuntzan, bai osasunean, baita ekonomian edota aldaketa klimatikoaren aurka ere. Bera da alternatiba. Bakearen bultzatzailea da, eta jendeak aukerak izan ditzala nahi du, jendeak aukerarik ez duen bitartean beti egonen baitira gerra eta indarkeria". Petrok ez du presidentetza eskuratu, baina ezkerreko hautagai batek inoiz izandako emaitzarik onenak lortu ditu. Estu pasa zen bigarren itzulira, baina buruz burukoan ia bikoiztu ditu botoak, zortzi milioiko langa gaindituz (%41,81). Emaitza historikoa da: konparaziorako, Santosek boto gutxiagorekin lortu zuen bere bigarren agintaldia. Eta, orain gutxira arte, inork ez luke ezkerrarengandik halakorik espero. Kolonbiako ezkerrak, izan ere, ez du sekula erraz izan. Hainbat dira arrazoiak. Gerrillen jardunak, batetik, itzala egin dio beti ezker zibilari, eta talde armatuen estigma bizkarrean hartuta aritu dira politikan ezkerreko alderdiak. Venezuelako gertutasunak, gainera, etsai perfektua eraikitzeko aukera eman dio eskuinari, sistema bolibartarra gaitz guztien iturritzat aurkeztuz, eta Kolonbiako ezkerra, zuzenean, ondoko herrialdearekin lotuz. Gizarte kontserbadorea da gainera kolonbiarra, elizkoia eta tradizioari lotua, eta horrek zaildu du politika aurrerakoien defentsa. Eta, hala ere, oztopo guztiei aurre egin eta sendo agertu denean, estatuaren errepresioarekin eta paramilitarismoaren indarkeriarekin egin du topo ezkerrak. Hautagai aurrerakoien hilketak (Jorge Eliecer Gaitan, Luis Carlos Galan, Jaime Pardo Leal...) eta Union Patriotica alderdiaren aurkako sarraskia –ia 5.000 militante hil zituzten 1980 eta 1990eko hamarkadetan– dira ezkerraren aurkako jazarpen horren adibide gorenak. Petro hautagaiaren aldeko hauteskunde ekitaldia Bogotan. Argazkia: Ander Perez Gustavo Petrok oztopo horiei guztiei egin die aurre. M-19 gerrillako kide ohia izanda, etengabeak izan dira haren kontrako kritikak, ezkerra eta gerrilla lotu nahi izan dituztenen ahotik. Bestalde, Venezuelako eredua Kolonbiara eraman nahi izana leporatu diote arerioek, ondoko herrialdetik milaka venezuelar iristen diren garaian. Eta, hala ere, hautagaitza sendoa osatzea lortu du Bogotako alkate izandakoak. Justizia soziala eta aberastasunaren banaketa oinarrian jarri ditu Petrok, desberdintasun sozial handienetakoak dituen herrialdean, eta bake akordioen defentsa aginduta, bere aldera ekarri du 2016ko plebiszituan bake prozesuaren alde bozkatu zutenetako asko. Gainera, ustelkeria gogor salatu eta sistema demokratikoaren berritzea aldarrikatu ditu, aldaketa desiraz bizi direnen hautagai bihurtuz. Azkenean, Duquek baino bi milioi boto gutxiago eskuratu ditu Petrok, baina ezkerra inoizko posiziorik onenean utzi du, sistema politikoan eragiteko eta datozen hauteskundeetan protagonista izateko aukera nabarmenekin. Momentuz, oposizio gogorra agindu du hautagaiak, bai erakundeetan, baita kalean ere. Eta mezu argia luzatu dio uribismoari: "Bozkatu gaituzten zortzi milioiek ez dute onartuko gerrara itzularaztea". Postalak gordetzen duena Santa Martatik oso gertu, Sierra Nevadako aldapetan zintzilik, kostako berotik ihesi doazenak jasotzen ditu Mincak. Turismo gune garrantzitsua bilakatu da urte gutxitan. Ostatuak dira herriko etxe gehienak, eta bilatzen ez duenak ez du iraganarekiko arrastorik aurkituko. Orain urte gutxira arte, ordea, paramilitarrak ziren herrian jaun eta jabe. Nekazarien lurrak bereganatuz sartu ziren herrira, agintea ezarriz, eta aurre egiten zietenak akabatuz. Iluntzero, oihaneko behe-lainoa hedatzen denean, oihal zuri batek estalita ageri da Minca. Iraganetik ere babestuko balu bezala da. Antzera gertatzen da Kolonbiako beste hainbat tokitan ere: gatazkaz ez da hitz egiten, agian ahazteko nahiagatik, agian oraindik ezin delako. Herrialdeak bake egoera erlatiboa baliatu du bisitari kopurua hazteko, eta turismo potentzia bihurtzeko bidean da. Ustezko normaltasun lainoak gertatu dena estaltzea, hori da arriskua. Egia galtzea postalaren atzean. Akaso horregatik, metro luzetako esaldi bat da bisitariak, Medellingo Bakearen Etxetik atera aurretik, irakurtzen duen azkena: "Hilko gaituen gerrarik ez, ezta zapalduko gaituen bakerik ere". Gogorarazi nahian, nolabait, bakea ez dela gerra eza, edo bakerik ez dela izango gerrara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitu bitartean. Memoria, behintzat, badago. Izen hori darama Medellingo eraikinak. Eta herrialde oso bat kabitzen da barruan.
news
argia-e0b944db9769
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/metroa-eta-jendarte-arrakala-gipuzkoan.html
Metroa eta jendarte arrakala Gipuzkoan
Baleren Bakaikoa Azurmendi
2018-07-01 00:00:00
Metroa eta jendarte arrakala Gipuzkoan Jadanik badira hiru-lau urte Donostialdean pil-pilean dagoen eztabaida ezarri nahi diguten metroaren harira. Tren proiektu honek Irun-Hendaia eta Donostia hurbilduko ditu, bai denboran, baita maiztasunean ere, ahazteke RENFEren zerbitzua. Agintarien arabera, Donostia eta Zarautz ere lotuko omen ditu, baina ez dute esaten zer-nolako abiadura hartuko duen trenak, oraindik XX. mende hasierako bide egitura baitauka ibilbide horrek, bikoiztu gabe gainera. Tren proiektu horren ondorio larri bat Irun-Zarautz eremuan bizi ez diren gipuzkoarrek pairatuko dute, nahiz gipuzkoar guztiek bezala zergak berdin ordaintzen dituzten. Izan ere, Gipuzkoak duen maila ekonomikoak eskatzen duen garraio sistema publikoa azpigaratuta dagoela esan dezakegu eta daukagun sistema hori, batik bat pribatua, autoz eta ordaindutako errepidez burutzen da. Ondorioz, hiri nagusia  garatzea ekarriko du eta gainontzeko herri txiki eta ertainak azpi-garatzeko bidean sartzea, Frantziako Estatuan gertatzen ari den moduan. Bestalde, Hendaiatik Donostiara iristeko, bide oztopo neketsuak jasan beharko dira, trenbidea bikoiztua ez dagoelako. Berdin Zarautzera doazen trenak. Baina, Donostia inguruan tren horiek arin mugituko dira, ez ordea hiriburutik at, mantso eta disfuntzioz beteta aurkituko baitira. Eta nola lotuko da Hondarribia bere aireportuarekin? Marxek idatzi zuen kapitalismoaren joera enpresak zentralizatzea eta kontzentratzea izango zela. Prozesu hori areagotu da neoliberalismoaren garai hauetan, hiritarren arteko arrakala handitzeaz gain, lurraldeen artekoa ere bide bera eramaten ari baita. Historiak hau frogatutzat ematen du eta gure artean ez da bakarrik Madrilen kontzentrazio eta zentralizazio hori ematen ari, Euskal Herrian ere antzeko prozesua egikaritzen ari delako. Metroaren inbertsio erraldoien ondorioz, Gipuzkoa hiru eremutan banatuta geratuko da, herrialde txikia izan arren: Irundik Lasartera doan eremua, metropoli txiki bat bilakatuko da; Tolosaldeak eta Goierrik osatzen duten korridorea, non garraio publikoa asko hobetzeko baitago; eta lurraldeko erdigunea (Azpeitia), eta Debabarrena eta Debagoiena Izan ere, horrelako zerbait gerta daiteke Gipuzkoan. Begi-bistakoa da Donostia ez dela ari hurbiltzen Eibar, Arrasate, Azpeitia, Oñati eta beste herri txiki eta ertainetara. Adibidez, Oñati, Antzuola edo Aretxabaletara joan nahi duen errenteriar batek gorriak ikusi behar ditu denbora laburrean iritsi gura badu, azkenean, autoa eta autopista pribatua erabiliko baititu, bidaia horretan garraio publikoan 2-3 ordu ez baditu eman nahi.  Halaber, norbanakoek, unibertsitarioek adibidez, pertsona bezala garatzeko aukera murritzagoak izango dituzte; berdin lanera joateko edo beraien produktuak hiriburura ekartzeko, nahiz pentsarazten diguten ondo komunikatuta daudela, baina hori faltsua da, norbanakoak bere kasara ordainduta mugi baitaitezke: autopistako erabiltzaileak lekuko. Beraz, metroaren inbertsio erraldoien ondorioz, Gipuzkoa hiru eremutan banatuta geratuko da, herrialde txikia izan arren: Irundik Lasartera doan eremua, metropoli txiki bat bilakatuko da; Tolosaldeak eta Goierrik osatzen duten korridorea, non garraio publikoa asko hobetzeko baitago; eta lurraldeko erdigunea (Azpeitia), eta Debabarrena eta Debagoiena. Izan ere, jarduera ekonomiko, hezkuntzako, ikerketa zentro, unibertsitate publiko eta osasun zentro nagusienak lehen eremu horretan oraindik gehiago zentralizatu eta kontzentratuko dira eta, besteei, atzeratzeko arriskua handituko zaie, neurriak ez badira hartzen. Haatik, gipuzkoarron kohesioa ahulduko da, are gehiago AHT abian jarrita. Sinestarazi digute EAJ kudeatzaile ezin hobea dela, baina gardenki ikusi dugu lehen metroa proiektu faraoniko zena, urte pare bat beranduago proiektu estrategiko bilakatu duela. Beraz, alderdi horrek Madrilen jokatu duen mus partidan erratu den bezala, Donostialdeko metroan ere berdin jazoko zaiolakoan nago.
news
argia-5acbd19d1676
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/iraganari-iskin-egiteko-ezintasuna.html
Iraganari iskin egiteko ezintasuna
Amaia Serrano Mariezkurrena
2018-07-01 00:00:00
Iraganari iskin egiteko ezintasuna Irudimena lagun, uretara eroritako ileak suge bihurtzen direla pentsatzen dute Josek eta Inasek, haur direla. Fantasiaz beteriko uste horrek errealitate gogor batekin egiten du talka, ordea, eta hala ere, ezarian harrapatzen du istorioak irakurlea, narrasti hark bezala. Bi plano narratibotan egituraturik gorpuzten da nobela, 1936ko Gerrako kontakizunak eta gerraostetik gatazkara bitartekoak uztartuz. Nafarroan gauzatzen da istorioaren zatirik handiena, gerrako gertakizunen gaineko isiltasuna –baita literarioa ere– beste euskal lurraldeetan baino nabarmenagoa izan den eremuan. Bertan kokatzen ditu narratzaile orojakileak 80-90etako gazteen hainbat arazo eta aldarrikapen baita ETAren zenbait ekintza ere. Begirada zorrotzez epaitzen ditu narratzaileak gerrako gertaerak, baita ondoren sortutako talde armatuaren hilketak ere –garaiko beste auzi batzuk aipatu gabe utziz edota arin azalduz–.   Egoera konplexuak dira nagusi eleberrian. Inas protagonista bera kontraesanak bizi du, bere hezkuntza aitona frankistaren diruak ahalbidetu baitu, eta inguruko baserrietako haurrek izan ez duten aukera horren atzean Abuelo egoteak deserosotasuna sorrarazten baitio. Horrez gain, eleberrian zehar hedatzen den beste kezka-iturri etiko bat ere badauka: iraganeko egiak ezagutaraztearen eta bizikidetzaren artean hautatzeko zailtasuna. Bide horretan, haren aita gerran erail izana argitzeko hartutako erabakiek markatuko dute Inas; izan ere, Iruñera bizitzera joatea erabakiko du, aitaren iragana berreraikitzeko asmoz. Hautu horren sinesgarritasuna gorabehera, bertan lortzen du lanbidea eta osatzen familia: bere ikasleei ezagutza transmititzeko abileziak eta seme-alabekiko harremanek haren irudia osatzen laguntzen dute. Hala ere, narratzailea alderdi min horietatik hanka-puntetan pasatzen da, interesgarriak liratekeen zenbait hari josi gabe utziz –bere ama Margaritaren irudian eta zaurietan arakatu gabe, esaterako–. Gertaeren erritmo narratiboa orekatua da, oro har, baina gertakari batzuei eskainitako azalpenak laburregi geratzen dira –zenbait heriotza bat-batean gertatzen dira, adibidez–. Horren ifrentzua, ordea, zehaztasun handiz eraikitako errealitatea da: baserriko familien bizimodua, presondegietako bizi-baldintzak eta abarrak oso modu plastikoan deskribatzen dira, hainbesteraino non krudeltasun zenbaiten xehetasunek itolarria eragin diezaioketen irakurleari.
news
argia-dbe376d858ba
argia
cc-by-sa 4.0
eu
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2605/hiru-kexa-denbora-gutxian.html
Hiru kexa denbora gutxian
Bea Salaberri
2018-07-01 00:00:00
Hiru kexa denbora gutxian Hiru kexa bidali nituen oso denbora gutxian. Zehatza izateko lauzpabost hilabete barne gertatu zen dena, agian lasterrago. Hiru kexa igorri nituen, ttanttaka, haserretzen ninduten dokumentuak jasotzen nituen arau: euskal hitzik batere ez, edo sinbolismoaren mailakoak zituzten komunikazio euskarriak jasotzen nituen ber, zehatza izateko gomita bat, berripaper elektroniko bat eta luxuzko magazin koloretsu bat, preseski masiboki herritar orori helarazten zaizkien horietatik batzuk, milaka aletan inprimatzen diren horiek berak. Herriko Etxera bidali nituen. Ene herrikora, baina beste edozein herrikoa eta beste edozein egitura publiko izan zitekeen, dudarik gabe, ez baititu gureak erru guziak. Gerta zitekeen ere lehenago egin izana, ez dakit zergatik orain, segur aski ase naizelako, hitzemandako eta beti noizbait agertu beharreko aldaketaren zain egoteaz aspertu naizelako. Herri honetan bizi naiz, hemen dut bozkatzen, hemen ordaintzen zergak, hemen lan egiten, hemengo ikastolan dira haurrak, hemengo aisialdi eskaintzaren erabiltzaileak gara, hemengoengana noa zerbait behar dudanean. Eta zerbitzu elebakar kronikoarengandik espero dudan gauza bakarra da euskal hiztun honengatik, noizbait, zerbait egin dezan, gutxienez komunikazio euskarrietan eta noizean behin egiten diren asmo adierazpenetan, ofizialki deliberatzen diren neurri eta norabideak errespeta daitezen. Ez da hainbestekoa: elebitasuna eskatzera ez gara ausartzen aspaldian, gutxiagorekin ere konforma gaitezkeenak gara. Omen, pazientzia eskasekoak gara batzuk; sistema luzea da aldatzeko, ez dira hainbeste urte pasa eta jadanik aitzinamenduak badira. Bai, egia da, badira, baina begi-bistakoak ez dira eta gehienak ez adierazgarriak. Sistema administratiboa oztopoz, borondate txarrez eta inertziaz betea da. Maketazioa konplikatua litzatekeela ere entzunen genuke, berdin. Kritikatzea bera ere ez omen da gustu onekoa, urrats ñimiñoak lirateke azpimarratu behar. Gogorra da kritikatua izatea, gogorragoa da bizitzea frustrazio isilean. Ez da zenbatuta datorrena baina errealitate haztagarria da, ez da inpresio bat: euskaldunok ez dugu gure hizkuntzan gauzak jasotzeko aukera anitzez gehiago duela bost edo hamar urte baino! Zirkuitu informatibo eta kulturaletik kanpo gara oraindik. Hemen hizkuntzek borroka egiten dute eta euskaldunok trintxeran dugu ohiko lekua. Diskurtso moñoñoek ez didate gehiago zirrararik pizten. Erraiten ahalko dugu neurriak, baliabideak, politikak badirela, sinesten saiatzen ahalko gara hiztunen galera gelditu dela –bistan dena, sangratzea nahikoa izan delarik hamarkadetan zehar, gaur galtzeko deus gutxi dugula–, euskara hil zorian da. Zer geratuko zaie gure haurren belaunaldikoei, ez bada hizkuntza partzial, pobre, arraro bat? Zenbat Euskaraldi, Deiadar, hitzarmen beharko dira konkretuki aldaketa nabarmen bat gerta dadin? Zenbat egitura eta aurrekontu, urgentziari erantzun bat emateko? Badakigu kexa soilek ez dutela deusetarako balio, oldarkor izateak kontrako temak indartzen besterik ez dituela. Hots, ez dugula lagunik egiten bide honetan. Berdin zait, besterik zer egin dagoeneko? Jokamolde batzuek salaketa publikoa dute merezi, besterik gabe, nahi eta ahal den lekuan: hemen, zutabeetan, sare sozialetan, foroetan. Xinaurri lan desatsegin horretan segituko dut, ez baitut beste erremediorik. Hiru kexa igorri nituen eta ez da deus gertatu. Pentsa: ez dut erantzun mikorik jaso.
news