id
stringlengths 17
47
| source
stringclasses 54
values | license
stringclasses 15
values | lang
stringclasses 1
value | url
stringlengths 17
329
| title
stringlengths 0
653
⌀ | author
stringlengths 0
499
| date
stringlengths 4
20
⌀ | text
stringlengths 20
2.08M
| domain
stringclasses 7
values |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
argia-b2e1b784f51d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/ertzetatik-kanpo.html | Ertzetatik kanpo | Iker Barandiaran | 2018-09-09 00:00:00 | Ertzetatik kanpo
Indie deritzona tribu oso berezia da; jatorrizko izaera edo izana erabat galduta edo lanbrotuta duena. Hala, musikaren negozioak, diskoetxeek, banatzaileek eta kontsumitzaileek bizi izan dituzten eraldaketen ondorioz, gaitza da BBK Live eta halako jaialdien parte-hartzaileak independentetzat hartzea. Eta badira beste eszena askotan izaeraz eta jarreraz multzo honetakoak (oro har hartuta) baino izate askoz independenteagoa dutenak. Hala ere, ezinezkoa da indie deritzoten horiek guztiak multzo berean sartzea, ñabardura asko daude beraien artean.
Maruriko talde gazte honek ere tribu horretan ikusi izan du bere burua. Sorreran bi neskak eta bi mutilek osatzen zuten taldea, ingelesez abesten zuten eta –ezin da ukatu– Belakoren tempo eta kadentzia oso presente zuten. Halakoa da beraien estreinako Lurra/Haizea/Ura/Sua lana, teklatuz jositako malenkonia eta energia koktel bizia. Baina tartean Gaztearen Maketa lehiaketa irabazi eta hainbat aldaketa izan ditu taldeak.
Iaz In the ocean singlea kaleratu zuten, Manchesterreko traza handia daukana: pausatua, iluna eta minimalista, baina 70eko hamarkadako energia zantzu batzuk ere badituena. Eta aurten Demak disko luzea oso-osorik euskaraz eta hirukote formatuan –jada ez dago emakume ahotsik–, bestelako eskaintza erdituz.
Etiketak -ek edaten du noise-popetik, baxua nabarmendu egiten da eta riff interesgarria dauka; gainera dantzagarria ere bada. Antartida -k kutsu elektronikoagoa eta intimoagoa dauka, nahiz eta rock jantzia indarrez janzten duen. Amildegietan -ek badu zorrik Pixies -ekin eta rock melodikoagoa zein intentsoagoa uztartzen ditu. Etxea barnekoiagoa eta pausatuagoa da, baina jostaria. Aldentze agindua erritmo biziko pieza rockeroa da, ñabardura jostariak ere badituena. Entzulea -k emozioekin eta intentsitatearekin jokatzen du Kerobiaren pareko eztanda egin artean. Egonezin undergrounda zapalgailua da, indartsua eta bortitza. Gonbidatua dantzagarria da, zarata eta disco-a ezkontzen dituena. Arreba elektro-pop irudimentsua. Eta Talako neska pausatua eta gardena.
Badu, deko, Dekot-ek aurrera egiteko ausardia eta etiketa arraio horren ertzetan, baita rock indartsuan ere, sortzeko abilezia. | news |
argia-297ec6641f84 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2611/baratzegintza-ekologikoa-emakumeen-ahalduntzerako-tresna-antsoainen.html | Baratzegintza ekologikoa emakumeen ahalduntzerako tresna Antsoainen | Garazi Zabaleta | 2018-09-09 00:00:00 | Baratzegintza ekologikoa emakumeen ahalduntzerako tresna Antsoainen
Jasangarritasunarekin eta parekidetasunarekin zeukan konpromisoari erantzunez, 2016an emakumeentzako baratzegintza ekologikoko lehen tailerrak antolatu zituen Antsoaingo Udalak, Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean. "Baratze ekosoziala jarri genuen martxan, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko helburuarekin", azaldu du Eva Isturiz Garcia Antsoaingo Udaleko Berdintasun teknikariak. Bazituzten aurretik herrian beste hainbat baratze gune martxan, gaztelekuan eta eskolan adibidez. "Baratzeak, lurra lantzeak, jendearen ahalduntze prozesurako ahalmen berezia dauka", dio.
Tailerretik talde autogestionatura
Lursaila prestatzea eta Arrea agroekologia elkartearen tailer teoriko-praktikoa antolatzea izan ziren lehen pausoak. Tailerrak Antsoaingo emakume guztientzat zabalik bazeuden ere, plaza batzuk lehendik Berdintasun Zerbitzuko beste zenbait proiektutan zeudenentzat gorde zituzten: indarkeriaren prebentzio programetan zeuden emakumeak, esklerosi elkartekoak… Lehen urtean laborantza tekniken inguruan formatu ziren batik bat, baina segituan ohartu ziren antolatzaileak emakumeen autoestimuaren, ahizpatasunaren eta ahalduntzearen alorra ere gehiago landu beharra zutela. Horregatik, bigarren urtean genero gaietan diharduen psikologo baten saioak jaso zituzten.
Hiru urtez tailerrak antolatu ostean, forma berria hartu du proiektuak: emakumeek autogestionatutako baratze taldea sortu dute. "Baratzegintza ekologikoan dihardute, eta Antsoaingo kolektiboek osatzen duten Txoko Gorrin ere parte hartzen dute". Errotzen izena hartu du taldeak, eta herriko edozein emakumeri dago irekita.
Talde anitza
"Hasieran interes handia piztu zuen eta erantzun oso ona izan zuen ekimenak, baina emakumeok motxila asko daramatzagu gainean, eta pixkanaka emakume batzuk uzten hasi zirela ikusi genuen", dio Isturizek. Talde formatuan, berriz, emakume bakoitzaren erritmo eta beharrizanak kontuan izatea errazagoa da, eta bakoitzak bere aukeren arabera hartzen du parte.
Parte hartzaileen profila anitza dela azaldu du teknikariak: "Badaude ezgaitasunak dituzten emakumeak, jatorri eta adin tarte ezberdinetakoak…". Azken helburua, baratzean ez ezik herrian presentzia irabaztea zela dio teknikariak, eta pixkanaka lortzen ari direla. | news |
argia-69c3d1f8d701 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/egiatarren-ondorioa-uste-baino-gehiagorekin-egin-daiteke-euskaraz.html | Egiatarren ondorioa: Uste baino gehiagorekin egin daiteke euskaraz | Onintza Irureta Azkune | 2016-02-07 00:00:00 | Egiatarren ondorioa: Uste baino gehiagorekin egin daiteke euskaraz
Eñaut Beloki, Maddi Ezkurdia eta Itziar Redondo Donostiako Egia auzoan bizi dira. Astebetez goizetik gauera euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuten eta saiakera egin dute. Bizipen baikorrak gehiago dituzte, ezkorrak baino. Ez dira esperientzian parte hartu duten bakarrak. Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenaren bidez urtarrilaren 8tik martxoaren 4ra arte hamarnaka egiatarrek hartuko dute parte.
Eñaut Beloki, Egia Bizirik auzo elkarteko kidea: "Ekimenaren lehen egunean lankideari euskaraz egitea pentsatu nuen"
Zer moduzko astea izan da?
Ondo joan da, ondorio positiboak atera ditut. Konturatu naiz inguru nahiko euskaldunean bizi naizela eta esfortzua egin dut inguru erdaldunera hurbiltzeko, esate baterako lantokian. Ekimenak balio izan dit txipa aldatzeko, egoera bakoitzean nola jokatu behar dudan pentsatzeko, kontzientzia hartzeko. Ahalegina bakarrik baino, taldean egiten baduzu ekimenak bizia hartzen du. Oso gustura nago.
Inguru euskaldunean betiko moduan ibiliko zinen. Lantokian zer moduz?
Lantokira kotxez joaten naiz lankide batekin eta harekin izan dut lehen hizkuntza esperientzia. Ekimenaren lehen egunean hari euskaraz egitea pentsatu nuen. Nik euskaraz egiten nion eta berak erdaraz. Konturatu nintzen dena ulertzen zuela, oso ondo ulertzen zuen. Enpresan euskara plana daukagu eta euskara ikasten hasi-utzi ibilitako horietako bat da.
Ez zenion esan zergatik hasi zinen egun batetik bestera dena euskaraz egiten?
Asteartean esan nion. Ekimena azaldu nion eta galdetu nion ea axola zion nik berari euskaraz egitea: "Ez, ez –erantzun zidan–, ulertzen dizudan neurrian ez dago arazorik, hori bai, nik erdaraz erantzungo dizut".
Arraroa egin zitzaizun elkarrizketak bi hizkuntzetan izatea?
Pixka bat bai. Bizitasuna galtzen dela iruditu zait, gatza falta. Agian, ohitura falta da. Gainerakoan, ni ondo sentitu naiz, eta ez dut uste bera deseroso zegoenik.
Astea pasa da. Lankidearekin euskaraz egiten jarraituko al duzu?
Bai, saiatuko naiz. Beste lankide batekin proba bera egiteko aukera izan dut, baina ez naiz ausartu. Irudipena dut ez ote duen hain gustuko eta egia esan, ez dut harekin probatu. Agian, hurrengo batean euskaraz hasi ordez, ekimenaren berri emango diot, ea zer esaten didan.
Auzo elkartean bertan nola aritzen zarete?
40 urteko gutxi batzuk gaude eta gainerakoak helduagoak dira. Ni iritsi nintzen garaian erdaraz egiten zuten gehiena. Gaur egun idatzizkoa ele bitan egiten da, eta gauza batzuk euskara hutsean. Bilerak beti gaztelaniaz egiten ziren. Orain euskaraz egiten dira eta euskaraz ulertzen ez duenari itzultzaileak xuxurlatzen dio. Beti-beti ez da horrela. Erdaldunak hitza hartzen badu, gero batzuetan ez zara konturatzen eta erdaraz erantzuten diozu, eta denok erdaraz egiten bukatzen dugu.
Elkartean ari gara pentsatzen ea talde bezala zer ekarpen egin diezaiokegun ekimen honi eta agian bada garaia dekalogoa egiteko, elkartean hizkuntza kontuak airean gera ez daitezen.
Maddi Ezkurdia, Trebeska dantza taldeko kidea: "Erdaraz erantzungo zidatela espero nuen eta sorpresak hartu ditut"
Ostatuan egiten duzu lan. Nola moldatu zara aste honetan?
Lankidea nire bikotekidea da, beraz euskaraz. Bezeroak kanpotik etortzen dira, eta euskalduna etorri ezean ezin nuen euskaraz aritu. Hala ere, egoera bat gustatu zitzaidan. Katalan bat etorri zitzaidan eta lehenengo hitza katalanez egin zidan. Barkamena eskatu zidan, eta esan nion dena ulertu niola eta zidala axola. Konturatu nintzen askotan lehen hitza erdaraz ateratzen zaigula, eta berari lehen hitza katalanez atera zitzaion nahigabe. Dendara joan eta esaten dugu: "Lehen hitza erdaraz egingo diot errazteko, baina euskara egiten badiozu jakingo duzu badakien ala ez".
Euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen naiz eta Euskal Herrian banago dendetara sartu eta euskaraz egiten dut. Atzo adibidez, denda batetik atera nintzen karroa uztera, euria ari zuen eta batek esan zidan, "igual ese carro no está mojado", eta esan nion "oraintxe hartu dut eta bustita dago". Euskaraz erantzun zidan gero.
Dendatan zer moduz moldatu zara?
Erdaraz erantzungo zidatela espero nuen eta sorpresak hartu ditut.
Sorpresa onak?
Bai. Egun batean opari bat erostera joan nintzen, hiru dendatan egon nintzen eta hiruretan bazekiten euskaraz, (nahiz eta lankideen artean erdaraz egiten zuten). Behin baino gehiagotan gertatu zait horrelako tokietan dena erdaraz egin izana. Harritu ninduen, eta poztu nintzen.
Dantza taldean?
Haurrekin ibili izan naiz urte askotan, eta gurasoekin bilerak beti euskaraz egin ditugu. Bukaeran galdetzen diegu ea zerbait ez duten ulertu, zerbait gaztelaniaz azaldu behar den edo ez. Ez dugu inoiz arazorik izan.
Astea bukatu zaizue. Euskarari eutsiko al diozue?
Dantza taldekoek horixe esan dugu, astea bukatu dela baina berdin jarraitu nahi dugula, bai taldekook eta baita ekimenean parte hartuko duten gainerako talde guztiek ere.
Itziar Redondo, Haurguneko kidea: "Iruditzen zait jendeak saiakera honetan sorpresa baikor asko hartuko zituela"
Astebeteko saiakera bukatu baino lehen ari gara hizketan, baina honezkero sentsazioren batzuk badituzu.
TELP ikastaroa egin nuen eta egia esan han emandako gomendioak, han egindako planteamenduak eta azaldutako aurreiritziak lehen ere kontuan nituela eta praktikara eramaten nituela iruditu zitzaidan.
Inguru euskalduna al duzu?
Ikastolako irakaslea naiz, senideekin ere euskaraz egiten dut, bizitza euskaraz egiten dut. Nik uste barneratuta ditudala zenbait gauza. Adibidez, lehen hitza euskaraz egiten dut. Euskara hitz egin ez, baina ulertzen duen ezagunei ere euskaraz egiten diet.
Ele bitako elkarrizketak izaten al dituzu?
Jende ezagunarekin bai. Ni eroso sentitzen naiz, pentsatzen dut bestea ere hala sentituko dela, ez didate inoiz ezer esan. Aste honetan nire buruari jarri diodan erronka izan da ezezagunekin ere euskaraz egitea, alegia, euskaraz ulertu bai baina hitz egiten ez dutenekin.
Eta aukerarik izan al duzu?
Bai, bi aldiz. Dendan: "Quieres una bolsa?", "Bai, eman lau mesedez", "Tienes la tarjeta de Eroski?", "Bai, tori". Autobusean: "Umearentzako txartela emango mesedez?", "Qué?", eta umea seinalatuz eskatu nion berriro txartela. Keinuak erabiliz eta irribarrez hitz egin nion. Berak aurpegi ona ez zidan jarri eta berari aurpegi atsegina erakusteak balio du.
Irribarrea erabiltzea estrategia bat dela, alegia.
TELPen horri buruz aritu ginen. Tentsio momentuak izaten dira, zu haserretu zaitezke egoera horietan, negoziazioak okerrera egin dezake. Irribarrea erabiltzea beti da hobe.
Zein balorazio egingo zenuke?
Niri ez zait asko kostatu, inguru euskaldunean bizi naizelako eta betiko martxan ibili naizelako, baina ariketa kontzienteagoa egin dudala esango nuke. Iruditzen zait jendeak saiakera honetan sorpresa baikor asko hartuko zituela. Guk uste duguna baino jende gehiagok daki euskaraz, edo ulertzen du. Aurreiritziak ditugu. Behin auzotar batekin hiru hitz gaztelaniaz gurutzatu ditugula eta barneratzen dugu ez duela jakingo euskaraz eta gero elkar ezagutzeko aukera izan eta… badaki edo ulertzen du. | news |
argia-91e6f4e03125 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/fruitua-nahi-zolda-belarra-jarri.html | Fruitua nahi? Zolda-belarra jarri | Jakoba Errekondo | 2016-02-07 00:00:00 | Fruitua nahi? Zolda-belarra jarri
Zolda-belarrak ( Symphytum officinale eta Symphytum tuberosum ) auzolanerako iaioak dira. Beren ingurua, beren bizimodua osatuko duen ekosistema sustatzeko ikaragarrizko lana egiten dute. Adeitsuak dira aldamenean dituztenekin, eta maitagarriak dira. Batez ere, fruitu-arbolak dituzuenok kontuan izan. Fruituak izateko, arbolen loreak ernaldu behar dira; horretarako erleak behar, eta horietatik gero eta gutxiago dugu. Hona gure arbolen oparotasunaren alde zolda-belarrak egin dezakeenaren adibidetxo bat.
Zolda-belarra ongarri naturala da. Berdetan zuzenean lurrari nahasiz edo luarrari eta simaurrari erantsiz, lurra berpizten eta landareak suspertzen ditu. Irakina eginda –kilo bat landare, 10 litro uretan, 10 egun, egunero irabiatuz– berdetako lana biziago egingo du. Egosita intsektizida eraginkorra da. Edozein eratara erabiltzen dugula, arbolaren lorearen emana hazi egingo da. Loreok erleak elikatzen dituzte. Erleek loreak ernalduko dituzte. Fruitu gehiago ekarriko du arbolak. Eta erleak eztia, propolia, polena eta abar emango dizu.
Zolda-belarrak elkarlan gehiago ere samurtzen du, baita elikatzen ere. Zolda-belarrak zabaltzen dituen loreek nektar ugari dute, eta hori intsektu mordoaren gutizia da. Gutizia ahoratzen zaila: lore luzexko koniko sakonak ditu, eta nektarra barren-barrenean. Erleak muturra motxa, nonbait, eta nektarrera iristen ez, erlastarraren zain egon behar. Lagun potxolo horrek matraila indartsuak ditu, eta, zuzenean lorearen oinean kosk eginez, zuloa egin eta nektarra zurrupatzen du. Ondoren etorriko da erlea, eta txulo beretik nektar kondarra eta polena harrapatuko ditu. Zenbaitek, erle jendea urte osoan elikatzeko zolda-belarra hamabostero moztuz haren loraldia atzeratu eta mailakatzen dute.
Zolda-belarrari 'ositxeka' ere deitzen zitzaiola jaso zuen Lakoizketak XIX. mendean. | news |
argia-f8594ac5128b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/naziek-sutan-kiskaltzeko-bezain-bakezale-ziren-nobelak.html | Naziek sutan kiskaltzeko bezain bakezale ziren nobelak | Santi Leon� | 2016-02-07 00:00:00 | Naziek sutan kiskaltzeko bezain bakezale ziren nobelak
Lehen Mundu Gerrak zauri handi bat utzi zuen Alemaniako gizartean, eta tabu bat: porrota. Horren inguruan zenbait "mito" sortu ziren –batez ere, Alemania su zelaian ez, diplomazian traizioz garaitua izan zela zioena–, baina porrot belikoa literaturan saihestu beharreko gaia zen. Gerra ez, ordea. Weimar errepublika gerratik sortu zen, eta, iragan hurbilari edota sistema politiko berriari zentzua eman edo kendu nahian, gerraren gaineko eztabaida eta interpretazioa borrokagune bihurtu zen Lehen Mundu Gerra akitu zenetik nazismoaren garaipenera doazen urteetan. Borroka ideologiko eta estetiko hori literaturan gertatu zen, batez ere.
"Gauero lubakietan sartzen naiz jendea mutilatzeko eta hiltzeko"
"Gerra herri bati gerta dakiokeen zoritxar handiena da, berdin irabazle ala galtzaile izan, eta haren ordez bakearen alde aritzen dena aberriaren alde ari da". Hala dio Engelbert Winz-ek Neues und Altes aus dem Westen (Mendebaldeko fronteko albiste zahar eta berriak) bidaia-liburuan. Tituluan Erich Maria Remarque-ren Im Westen nichts Neues (Mendebaldean berririk ez) nobela ezagunari erreferentzia egiten dion liburu bakezale horretan, Frantziako eta Belgikako fronte izandakoan barna eginiko bidaian gerrako oroitzapenak eta gerrako lekuen deskripzioak batzen ditu egileak, lehenagoko arerioarekin izandako enkontruen berri ematen duen bitartean. Gerraren kontrako hondar testuetarik izanen zen Winzena: 1932an argitaratua, handik gutira, 1933ko maiatzean, sutara botako zituzten naziek hainbat eta hainbat liburu, tartean Lehen Mundu Gerrarekin ikusmolde kritikoa azaldua zuten nobela ugari; horrela, akabera eman zioten borroka luze bati. Izan ere, armak isildu zirenetik, bertzelako bataila bat gertatu baitzen Weimar errepublikako literaturan gerra handi hura interpretatzeko eta baloratzeko.
Literatura arduratu zen 20ko hamarkadako Alemanian gerrari buruzko gogoeta egiteaz, historia baino aise lehenago eta gehiago.
Modris Eksteins historialariak dio literatura arduratu zela 20ko hamarkadako Alemanian gerrari buruzko gogoeta egiteaz, historia baino aise lehenago eta gehiago. Ez da ideia berria, 20ko hamarkadan gauza bera azpimarratu baitzuen Theodor Heuss kritikariak iruzkin batean: Ludwig Renn-en Krieg (Gerra) nobela eta Remarquerena agiri historikoen edozein bilduma bezain inportanteak ziren, biak berak agiri historiko baitziren, gerraren lekuko.
Maiz, gerra berri hartako esperientzia traumatiko pertsonala barneratu, landu eta nolabait adierazteko beharra zegoen gerrari buruzko liburuen abiapuntuan: "Urriaz geroztik, patruilako ofiziala naiz. Horrek erran nahi du gauero, gizon talde batekin, ingelesen lubakietan sartzen naizela jendea hiltzeko eta mutilatzeko", idatzi zuen geroago editore bihurtuko zen Peter Suhrkamp-ek; "Momentuz lasai gaude [...]. Egun osoko su etengabea eta hiru gas eraso gorabehera, gure nerbioak sasoian daude. Hondarrean, gas eraso bat bizi izan dut; hiru, hobeki erranda. Ez da hainbertzerako izan", idatzi zien Ernst Jüngerrek gurasoei 1916ko ekainean. Guziek, jakina, ez zuten Jüngerren flema, eta gerraren inguruan arras interpretazio diferenteak sortu ziren.
Molde zaharrak gerra berri baterako
Gerra amaitu ondoko lehen urteetan –bai eta gerra amaitu baino lehen ere–, hainbat egile, heroitasun eredu klasiko bati jarraiki, gerra abentura gisa irudikatzen saiatu ziren. Horretarako, urpekarietan ibilitako ofizialen narrazio autobiografikoak edo zeruko batailetan parte hartutako hegazkinlarien istorioak ziren bereziki egokiak –lubakietako gerrak, ordea, ez zuen epikarako hainbertzeko tokirik uzten–. Krudela izanda ere, gerra gentlemen-en arteko duelua da zenbait liburutan (ez da falta, adibidez, etsaiaren itsasontzi bat hondoratutakoan, itsasora eroritako ingeles batzuk salbatu zituen urpekariko ofizialaren narrazioa); arriskuaren aitzinean zirrara sentitzeko aukera ere bada gerra, hainbaten ikuspuntutik: "une kilikagarria da arerioarenganantz hegan zoazenean, etsaia ikusi arren oraindik eraso egin baino lehen minutu batzuk dituzunean. Uste dut horrelakoetan pixka bat zurbildu egiten nintzela, baina zoritxarrez ez nuen sekulan ispilurik aldean eraman. Une ederra da, arrunt kilikagarria baita, eta nik maite dut hori", idatzi zuen Manfred von Richthofen-ek, baroi gorri famatuak, bere memorietan.
Ernst Jüngerrek printzipio antropologiko bihurtuko du arriskurako grina hori: "Garai bakoitzak bere lanak, bere betebeharrak eta bere plazerak ditu, eta garai bakoitzak bere abenturak. [...] Bizitza da lana, baina abentura poesia da. Betebeharrak lana jasaten laguntzen du, baina arriskurako grinak erraz bihurtzen digu lan hori. Horregatik lotsarik gabe onartzen dugu abenturazaleak garela". Hein handi batean, halere, Jüngerren In Stahlgewittern (Altzairuzko ekaitzetan) salbuespena da lehen orduko liburu horien guzien artean: alde batetik, eliteko ofizialaren ereduari eusten badio ere, egiten duen gerraren deskripzioa aise errealistagoa da urpekarietako edo hegazkinetako ofizialena baino, eta, bertze aldetik, ekintzari, arriskuari eta instintuari –piztia bihurtzeari– egiten dion gorazarreak 30eko hamarkadako idazle nazionalistengana hurbiltzen du.
"Haren aldean, orain artio egindako guzia lan akastuna da"
Kakotxen arteko hitzak Carl Zuckmayer idazlearenak dira, Remarqueren Mendebaldean berririk ez nobelari buruzkoak. Remarqueren liburua mugarri bat da Weimarreko literatura belikoan, baina egun batetik bertzera bestseller bilakatuko zen eleberri hura kaleratu orduko, gerraren kontrako liburuen kopurua ez zen txikia: Ludwig Renn – Krieg (Gerra)–, Arnold Zweig – Der Streit um den Sergeanten Grischa (Grischa sarjentuaren inguruko eztabaida)–, Ernst Gläser – Jahrgang 1902 (1902ko belaunaldia)–, Ernst Johannsen – Vier von der Infanterie (Infanteriako lau)–...
Gerraren kontrako literaturak ankertasuna nabarmendu zuen, eta heroi klasiko abenturazaleari zonbi bihurturiko soldadua kontrajarri zion. Gerrarekin jarrera kritikoa duten liburuetan ohikoa da sufrimenduaren deskripzio errealista eta gordina, eta protagonismo handia hartzen dute literatura gerrazalean neketan agertzen diren hainbat tokik, hala nola ospitaleak edo eroetxeak. Eroa edo herbala: soldaduak, gogoa edo gorputza gerrak txikitua, gerra ondorengo gizartean berriz integratzeko aukera galdu du, etorkizunik gabeko hondakina da. Garaiko pinturan ere, George Grosz-en edo Otto Dix-en artelanetan konparaziorako, agertzen zaigu giza paisaia hori.
Maiz, errealismoa groteskoa izatera ailegatu eta umore beltzez tindatzen da: Leonhard Frank-ek, Der Mensch ist gut (Gizakia ona da) nobelan, soldadu bat deskribatzen du anputatu berri dioten zangoa –izterretik beheiti– otoika eta arrenka eskatzen; ekarri diotelarik, besoetan izan du, laztandu egin du, eta, bat-batean, lurrera bota du nazka keinu batekin: "hori ez da nire zangoa"; "ez zen haren zangoa. Erizainak, leher eginda, okerreko zangoa aterea zuen ontzitik".
Gerrak zonbiak sortzen ditu: hori ikusten dugu Remarqueren edo Rennen liburuetan, betebeharra makinak bezala betetzen dituzten pentsamendu eta sentimendurik gabeko soldaduak.
Gerrak zonbiak sortzen ditu: hori ikusten dugu Remarqueren edo Rennen liburuetan, betebeharra makinak bezala betetzen dituzten pentsamendu eta sentimendurik gabeko soldaduak. Hain zuzen ere, horixe leporatu izan zaio gerraren kontrako literatura horri, ez duela aterabiderik erakusten, etsipenean akitzen dela, inoiz ez iraultzean. Ludwig Rennen nobela, adibidez, "soldaduen betebehar txikien epopeia da", –hala zioen 1929an Theodor Heuss kritikariak–, "dena da hain begi-bistakoa, soldaduek uko egiten baitiote gerrari buruz eta haren zentzuari buruz eztabaidatzeari edo gogoeta egiteari – ez du balio, zeren deus ere ez baita aldatuko".
"Ez dira gerrak suntsituak sentitzen, gerrak purifikatuak baizik"
Municheko Völkischer Beobachter egunkari nazian nobela bakezale guziak –tira, inportanteenak– kritikatu zituen Erich Limpach-ek, bera ere nobela beliko baten egilea. Remarqueren nobelaren ondotik, kontrako eta aldeko imitazio, plagio, parodia eta kritika ugari etorri ziren. Mendebaldean berririk ez argitaratu zen urtean, 1929an, krisi ekonomikoa ere etorri zen, eta geroago nazien gorakada. Gerraren kontrako literaturarekin batera, gerraren aldeko literatura berria ere publikatu zen 20ko hamarkadaren akabera eta 30ekoaren hasiera hartan. "Milioika herritarren sentimenduak iraintzen" zituen literatura bakezalearen aitzinean –Erich Limpachen hitzak berriz ere–, literatura berriak, gerraren krudelkeria eta basakeria ukatu edo ezkutatu gabe, gatazka belikoak beharrezkotzat jotzen zituen, eta gero eta ezaugarri zehatzagoak ematen zizkion etsaiari.
Remarqueren liburuaren ondotik, 30eko hamarkadako lehen hiru urteetan, ez da haren arrakasta berriz errepikatuko: giro politikoak ez zuen horretan laguntzen, batetik, eta, bertzetik, Remarqueren arrakastaren ondorioz, generoa komertzialtzat jotzen zuten intelektual gehienek. Heroiak edo zonbiak? Etorkizunik gabeko hondakinak edo suari esker indarberrituriko patriotak? 1933ko maiatzean, gerraren zentzua kolokan paratzen zuten liburu guziak kiskali beharrekoen zerrendan sartuta, amaitutzat eman zuten eztabaida.
Eta gerrak bestseller bat ekarri zuen:
Erich Maria Remarque-ren Mendebaldean berririk ez
Aunitz izan ziren bi mundu gerren artean Alemanian argitaratu ziren gerra nobelak; Jörg Lehmann-ek, garai hartako literatura belikoa ikergai duen Imaginäre Schlachtfelder (Su zelai imajinarioak) izeneko liburuaren egileak, 600 baino gehiago zenbatzen ditu bere ikerketarako egokiak izan litezkeen aleen artean. Batzuek arrakasta handia izan zuten, bertze zenbaitek ez hainbertze, baina guzien gainetik bat bilakatu zen alemanez idatzitako inoizko libururik salduena: Erich Maria Remarqueren Im Westen nichts Neues (Mendebaldean berririk ez). 1929an argitaratua, nobelak eztabaida sutsua piztu zuen garai hartako prentsan eta berehala bihurtu zen gerraren aurkako literaturaren ikurra, gerraren gaineko "egia" biltzen omen baitzuen. Gauzak, ordea, konplikatuxeagoak ziren.
1898an Osnabrücken sortua, Erich Maria Remarque, berez, Erich Paul Remark zen. 1921ean aldatu zuen deitura Remark-etik Remarque-ra, aitaren familiaren jatorri frantsesa aitzakia hartuta, eta, bide batez, erdiko izena Maria dotoreago batez ordezkatu zuen –soberan gelditu zitzaion Paul horrekin eta amaren abizenarekin osatu zuen Mendebaldean berririk ez nobelako protagonistaren grazia: Paul Bäumer–. Alta bada, nobela ez da autobiografikoa: Bäumer ez bezala, Remarque ez zen boluntario joan 1914an –ezinezkoa zatekeen, hamasei urte baitzituen–; 1916an deitu zioten armadara, eta, hilabeteren buruan, zauritua izan zen frontean, larriki zauritua ere –bertzeak bertze eskuan jasotako zaurien ondorioz, musikan egin nahi zuen karrera abandonatu behar izan zuen–.
Gerra ondotik, fama emanen zion nobela publikatu orduko, hiru liburu zituen idatziak –horietarik bi, argitaratuak–, ibilia zen kazetari lana egiten zenbait egunkaritan, eta gutunak trukatzen zituen garai hartako hainbat idazle handirekin. Nobela saltzeko propagandan, ordea, Ullstein argitaletxeak honela aurkezten zuen Remarque: "Erich Maria Remarque ez da idazle profesionala; hogeita hamar urteko gaztea da, duela hilabete batzuk premia sentitu zuena, gerran zer gertatu zitzaion hitzetan paratzeko, esperientzia horri forma emateko". Egilearen beraren laguntzarekin, horrela saldu nahi izan zuen argitaletxeak liburua; alegia, gerraren gaineko egiazko txosten gisa, batailan eroritako soldadu anonimo guziak ordezkatzen ahal zituen eskarmenturik gabeko gazte batek –inolaz ere ez idazle batek– prestatua; bat-batean gerraren trauma gainditzeko beharra sentitu izanaren emaitza xaloa, inolaz ere ez asmo literario baten fruitua.
'Mendebaldean berririk ez' argitaratu zen urtean, 1929an, krisi ekonomikoa ere etorri zen, eta geroago nazien gorakada
Bere kalitatea ukatu gabe, Mendebaldean berririk ez –Thomas Schneider ikertzaileak erakutsi duen bezala– marketin kanpaina baten ondorioa ere bada. Gerra-ospitale batean egin zuen egonaldian izan zuen Remarquek gerrari buruzko nobela idazteko lehen ideia, eta horretarako han-hemenka ibili zen gerraren gaineko istorioak biltzen. 1928an onartu zion eskuizkribua Ullstein argitaletxeak, baina argitaratu baino lehen, edizio prozesu luzea sufritu zuen, nobela ahalik eta gehien despolitizatzea helburu zuena. Gerrari eta gerrak ekarritako ondorioei eginiko kritika latzenak bidean gelditu ziren.
Nolanahi den ere, argitara eman bezain fite, liburuak arrakasta izugarria izan zuen: 1929ko urtarrilean publikatua, otsailean ehun mila ale saldu ziren; maiatzerako, kopurua milioi erdira ailegatu zen, eta 900.000ra abenduan. Itzulpenak ere agudo iritsi ziren –Frantzian, Ingalaterran, AEBetan; euskaraz, bidenabar erranda, oraindik ez daukagu ez nobela hau, ezta Remarqueren bertze ezer ere: Susaren "euskarari ekarriak" webgunean, behinik behin, ez da haren arrastorik–.
Alemanian –bai eta Austrian ere–, liburuak polemika ekarri zuen prentsan; polemika, gainera, maiz idazlearen biografian zentratu zen, argitaletxeak nobela soldadu xalo baten kontakizuna aurkeztua baitzuen. Eskuin politikoak zorrotz egurtu zuen liburuari zerion bakezaletasuna, eta antialemantzat jo zuen nobelak gerrari egiten zion kritika; orobat, ezkerretik ere izan ziren kritikak, batez ere egileak liburuaren inguruan piztua zen polemikan parte hartzeari uko egin ziolako: apolitikotzat omen zuen bere burua.
Literaturan ere izan ziren erantzunak. Batzuk saiatu ziren Mendebaldean berririk ez -en arrakasta aprobetxatzen beren onurarako: konparazio baterako, Carl A. G. Otto, Im Osten nichts Neues (Ekialdean berririk ez) nobelarekin. Parodiak ere izan ziren, hala nola Vor Troja nichts Neues (Troiaren aitzinean berririk ez), Emil Marius Requark goitizenarekin argitaratua eta Troiako gerran kokatua, bai eta titulutik beretik beren haserrea erakusten duten arrapostu serio eta umorerik gabeak ere: Eugen Erbelding-en Im Westen doch Neues (Mendebaldean badira berriak), edo Richard Kroener-en Im Westen viel Neues (Mendebaldean albiste anitz badira).
1933ko maiatzean, gerraren zentzua kolokan paratzen zuten liburu guziak kiskali beharrekoen zerrendan sartu zituzten: akabo eztabaida literarioak
Liburuaren ondotik, AEBetan egindako eta 1930ean estreinaturiko bertsio zinematografikoaren txanda etorri zen: Alemanian, gero eta eragin handiagoa zuten naziek filma debekatzea lortu zuten –nahiz eta debekua 1931n deuseztatu zen–; Austrian ere debekatua izan zen filma, baina debekuak 80ko hamarkadaren hasiera artio iraun zuen, ofizialki bederen.
Mendebaldean berririk ez , jakina, sutara bota beharreko liburuen zerrendan zegoen, eta egilea naziek gorrotatuenen artean. 1933an, Hitler agintera ailegatu zen urtean, Suitzara egin zuen alde Remarquek, eta geroxeago, Estatu Batuetara. Bere nobelaren arrakastari esker, ez zuen inoiz sos problemarik izan; Volker Weidemann kazetariak azaltzen duen bezala, neketan aurkituko dugu Remarquek bezain bizimodu glamurrez betea izan duen idazle alemanik. Amerikan idatzi zuen egunerokoak, ordea, bertzelako irudia ematen du. Berrogei urte bete zituelarik, zera idatzi zuen: "Berrogei urte. Hori hogeita hemeretzi baino hamar urte gehiago da. Alferrik xahuturiko bizitza. Gramofonoa piztu dut. Argazkia atera diot gelari. Berriz bueltatzekoa ez banintz bezala. Dena azken aldia balitz bezala: uda;– etxea;– bakea;– zoriona;– Europa;– bizitza bera, beharbada". Dena azken aldia balitz bezala du izenburua Wilhelm von Sternburgek idatzi zuen Remarqueren biografiak. | news |
argia-d19fe37b8629 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/geriza.html | Geriza | Itxaro Borda | 2016-02-07 00:00:00 | Geriza
Autoak zirurikan pasatzen ziren orduan adineko emazte ile zuriduna zegoen afixa handi bati begira. Poltsa astunak pausatuak zituen. Andere moko mehe eta konkorra ez zen kantitzen, ez zen higitzen… hormatua ematen zuen. Ikustez ezagutzen nuen eta geltokitik burrustan isurtzen ziren jendeen joan zaintsuaz axola gutxi zuela iruditzen zitzaidan.
Frantzia behere horretako Le Refuge aterpeen aipamena egiten zuen afixa erraldoiak. Diruz laguntzeko deiarekin, alabaina. Behin, idazkiaren paretik pasatzean mutiko gazte bat lurrera tuka zelatatu nuen: Romain, 18 urte, bere gurasoen etxetik kanporatua, homosexuala delako. Antza, taulako hitzek ez zuten andere unatua izutzen, are gutxiago arranguraz kiribilkatzen. Alderantziz, zorabiatua zirudien.
Lanera nindoan. Eguna ez zen oraino argitua. Ateri zen bederen. Espaloian gelditu nintzen afixari so zetzan emazteari amultsuki beha. Pentsa, begi-kordela ederra osatzen genuenez!
Agian bere istorioa zuen emakume amilduak han irakurtzen, lesbiana zitekeen edo menturaz pan-sexuala, Christine & The Queens taldeko kantariak irribarrez zioen bezala.
Gauza segurra da: gaztaroan ala gaurkoan, geriza aukerarik ez zuen. | news |
argia-cc35df713fbb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/urradura-sakon-batetik.html | Urradura sakon batetik | Aritz Galarraga | 2016-02-07 00:00:00 | Urradura sakon batetik
Lehenik, Itxaro Bordaren Emakumeak idazle saiakera hartan izan genuen haren berri –"esan nion ez nuela parte hartu nahi liburu horretan, ni ez nintzela ez idazle sentitzen, ez emakume idazle sentitzen ere. Eta atera egin zituen olerkiak!"–.
Henriette Aire. Urepelen sortua. Kontxo, aitaren alaba, Aire ahizpa-neben arteko bat, nagusia. Hazka gehixeago eginez, harrapatu genion poesia liburu bat, Egiaren egarriz . Bordaren antologiako bi poema aurkitu ditugu bertan –apur batean moldatuak, finduak–, hirugarren bat gelditu zen bidean. Ordainetan, beste hemezortzi poemekin osatu zuen bilduma, guztira hogeita bat.
Josu Landak xehatu zituen: "Libre ezin bizitzeak eta maitasuna nahi bezala ezin gozatzeak" markatzen ditu denak –"Nahi duena ezin ukana duenak/ Eta ukan dezakena ez nahi/ Daukana ezin dezake maita"–; mundura egokitu ezinean dabilen gizakia dute protagonista–"Herria herri maitea/ Nahi zintuzket askatu/ (...) Bainan nola ditzazket/ Moztu zure kateak/ Ni loturik nagoenian/ Preso gizartean"–; eta are arrotzago sentitzen da emakumea mundu horretan, zapalduta –"Altxa burua emazte/ Ez egon bide erditan/ Bizitzak balio du/ Bizitzea"–. Landak, oraindik: "Urradura sakon batetik sortzen dira hitzak".
Urradura sakon hori zein izan daiteke, ordea. Akaso besterik, baina bat egin izan du publiko inoiz Airek: "Parisen bizi izan naiz, hamaika urtez. Hamaika urteren buruan, senarrarengandik banandu eta erabaki nuen berriz Euskal Herrira etortzea, hiru semeekin. Aitak gaizki hartu zuen, eta esan zidan: ez dut nahi gehiago esan dezazun inori ene alaba zirela, eta ez dut nahi jin ziten gehiago etxera". Urradura sakon hori garbi agertzen da Uste zinuen izeneko poema luzean, "dozena bat orrialdeetan zehar bizitzaren ikuspegi zapuztu baina azkenean optimista" eskaintzen digun horretan. Ikuspegi zapuztua: "Zure uztarria/ Ezin jasana duzula?/ Bakartasunean/ Eta zuhaurek/ Arduratu nahi duzula/ Bizitzeko gelditzen zaizun/ Zure biziaz?/ Burutik joan ote zira?". Baina azkenean optimista: "Ikusten zaitut zoriontsu/ Zure osotasunean/ Zoriontsu/ Maitasunean". Eta optimista, akaso, nork daki, inoiz publiko egin izan duen honegatik: "Gero etorri nintzen, aita Bordelen zegoen ospitalean, hara joan nintzen eta oso ondo pasatu zen, txuritxuri, larri zegoen ohetik ni ikusita jeiki zen eta besarkatu ginen... Bidean esan zizkidan haiek ez baitziren aitarenak berarenak, inguruak esanarazi zizkion, haren malkoetan ikusi nuen".
Bidean, halaber, nobela bat hasia, eta denbora eskasiaz ez egina. Domaia da, hartara, urradura sakon hark, edo beste batzuek, emaitza gehiago eman ez izana. | news |
argia-0f1039ff3ed9 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/bizi-osorako-zorpetutako-ikasleen-belaunaldia-britainia-handian.html | Bizi osorako zorpetutako ikasleen belaunaldia Britainia Handian | Pello Zubiria Kamino | 2016-02-07 00:00:00 | Bizi osorako zorpetutako ikasleen belaunaldia Britainia Handian
Bere unibertsitateak mundu aberatseko garestienak bihurtu eta estudianteak murrizketen biktima eginik, David Cameronek denbora bonba piztu du Britainia Handiko gazteriaren oinetan. Unibertsitateko denboran 60.000 euroko zorrak pilatuko dituzte, askok ezingo dituztenak kitatu gutxienez 50 urte bete arte.
"Ikasleen zorra handitzeak belaunaldi oso bati injustizia sakontzen dio", idatzi du The Guardian egunkarian Will Hutton Hertford Collegeko zuzendariak . "Gazteei emandako tratu honekin Britainia Handia sortzen ari da estratifikazio handiena, mugikortasun sozial txikiena eta krudelki injustua den gizarte bat".
2012ko apirilaren 25ean AEBko ikasleek One Trillion Day eguna ospatu zuten, munduan beste inon baino zorpetuago zeudela salatzeko. Ikasleen %67k zorrak eginda amaitu zuten lau urteko karrera. Hiru urte beranduago, britainiarrek ostu diete lehen postua ranking tristean: diplomatu berrien %80tik gora zorpean bizi dira.
Hari horri tiraka unibertsitate ingelesetan ikusi dituenak Parisko Basta! kazetan kontatu ditu Emmanuel Sanseauk: " Pourquoi les étudiants britanniques croulent sous les dettes " , alegia ikasle britainiarrak zergatik lehertzen diren zorretan itota.
Hasteko bisitatu du Manchesterreko unibertsitatea. Harritu da hain campus ederra aurkituta, txukun mantendua, zuhaitzez betea, hiri kutsatuaren erdian oasi bat legez. Harik eta haragizko unibertsitarioekin egin duen arte topo.
Emmak 21 urte dauzka eta... 27.000 librako zorra (35.000 euro). Estatuak emandako kreditua ordaintzen hasiko da urteko 21.000 libra (29.000 euro) irabazten hasiko den egunean.
Emma: "Aitaren eta amaren soldatak batuta urtean 30.000 libra irabazte dute, sakrifikatzen dira nik ikas dezadan. Ni nola edo hala ateratzen naiz aurrera, atera zaidan ordukako lantxo bati eta eguneroko gastuen kontrolari arreta gehiago jarriz ikasketei baino. Ez naiz kexatzen, nire lagun batek ordezkapenak egiten ditu, hamabi ordu gauez, eta bizi sozial osoa eten behar izan du". Aldiz, bere unibertsitateko zuzendariak urtean 251.000 libra irabazten omen ditu, hileko 29.000.
Cameronen gobernuak murrizketen gerra hasiz geroztik, unibertsitateek hiru halakotu egin dituzte tasak, 3.000 libratatik 9.000taraino. Beste eskuarekin, Cameronek ikasleentzako poltsa edo beka sistema ezabatu du. Milioi erdi ikasle britainiarrentzako lehen gutxi –urtean gehienez ere 3.387 libra (4.600 euro)–, baina orain batere ez. Ordainetan, kreditu sistema eskaintzen zaie.
Hiru urteko karrera burutu duten diplomadun zorpetuek bataz beste 44.000 librako (63.000 euro) zuloa daukate. Pezetatan hamar kilo pasatxo. Institute for Fiscal Studies erakundeak kalkulatu du gehienak 50 urte beteta ere ordaintzen ariko direla.
Lizentziatu bat iristen denean urtean 21.000 libra irabazten, hortik aurrera Student Loans Company estatuaren kreditu konpainiak %9a deskontatzen dio atzeratutako mailegua kitatu artean. Kenketa hau amaitzen da hasi eta 30 urtera, zorra osorik ordaindua izan edo ez.
Estudianteei denetara urtean 10.000 milioi libra aurreraturik, Estatuak sekulako mailegu meta egin du: gobernuak kalkulatu du 2018a bitartean 100.000 milioi libraren (138.000 milioi euro) muga gainditua izango duela. Konparazio bat egiteko, 2014an erretiroen aurrekontu osoa 103.000 milioi libratakoa izan zen.
Ikerketa batzuek erakutsi dutenez balitekeela %45era iristea zorra kitatu ezingo duten diplomatuen kopurua, Erresuma Batuan hasi dira entzuten alarma deiak, denbora bonba bat dagoelako lehertzeko abiarazia. Finantza ministerioak berak kalkulatu du %48,6ra iristen badira ordaintzen ez dutenak, Estatuari garestiago aterako zaiola oraingo sistema lehen berak desmuntatu duena baino. Estatua argaltzeko aitzakiarekin, zor publikoa handituko du sistemak.
Gurasoen pentsioak haurrek ikasteko
Ordaindu ezinik dabiltzan ikasle askok bere burua aurkitu du Interneteko mailegu-emaile lukurreruen hatzaparretan. Internetez aurkezten dituzte interes tasa lotsagarrizko zerbitzuak PiggyBank bezalako putreek: 300 libra atoan emango dizkizute... sei hilabeteren buruan 582 itzultzekotan.
Urtero 30.000 ikaslek jotzen dute tipo horretako payday loan maileguetara. Ordaindu ezinak ezbeharrik eragin du. 2013an Manchester ondoko Ashton-under-Lynen bere buruaz beste eginda aurkitu zuten etxean Kane Sparham- Price. Zorra itzuli ezinak ez zizkion hobetu lehendik zekartzan gorabehera psikologikoak. Suizidatu baino ordu batzuk lehenago payday loanetan liderra den Wonga konpainiak hustu zizkion bankuan zeuzkan diru guztiak, beti ere lege barruan.
Emmanuel Sanseauk kontatu duenez, hedabide ingelesek sarritan erakutsi dituzte txirotasunean bizi diren estudianteak, xentimorik gabe bizirauten, apartamentu hondatuetan, kalefakziorik gabe. Badirudi jendea ohitu egin dela normaltasun berri horretara. Bizirauteko, ikasle britainiarren hiru laurdenek lan egin beharra daukate.
Lan prekarioetan, prefosta, zero orduko kontratuekin, hilabetea txukun amaitzeko bermerik gabe. Beste batzuek karitatezko elkarteetara jo beharra daukate, elikagai bankuetara eta abar. Unibertsitate batzuk hasi dira aztertzen beren jangela sozialak antolatzea. "Horra Cameronen gobernuaren –dio Sanseauk– balantze sozial harrigarria. Erresuma Batuan ekonomia berpizten hasi dela aldarrikatzen du harro, zirkinik gabe legitimatzen du miseria esanez diploma lortzeak baimenduko diela gehiago irabaztea, baina gero estatistikek erakusten dute diplomatuen %60 dagokien kualifikazioaren azpiko lanpostuetan ari direla beharrean".
Will Hutton unibertsitateko zuzendariak idatzi duenez, Cameronen politikek ondorio latzak utziko dizkiete familiei. Batetik herentzien gaineko zergak arinduz gurasoek beren pentsioa oparitu diezaizkieten haurrei, eta bestetik beka sistema suntsituz, aberatsak gai izango dira seme-alaben zorrak arintzeko, baina estuago dabiltzanak hondoratu egingo dira, daukaten guztia atzeratutako zorrak kitatzeko erabili beharragatik.
Unibertsitateak elkarren arteko lehian sartu dira, ikasle berriak erakartzeko marketina erabiliz, merkatuan soldata onenak lortuko dituztela iragartzen diren karreretan berezituz, beren izaera itxuraldatuz -dio Huttonek- irakaskuntza akademiko sendo batetik gama altuko enpleguetarako ikasketetara.
Horiek denak Britainia Handian gertatzen dira. Baina gure inguruan? La Directan Gloria Mbilla k informatu du PPren gobernuan José Ignacio Wertek ezarritako politikarekin Madrilgo autonomi erkidegoan 70.000 gazte aurkitu direla unibertsitateko ikasketei uko egitera behartuta. Zor eta frustrazioak ez dira gutxiago izanen Madrilen adostu ezinean ari diren gobernu berria hasiko denean Europak agindutako 12.000 milioiko murrizketak aplikatzen. | news |
argia-2dc522ac9d0a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/salomonen-itzala-ote-da-mendozaren-atzeko-hori.html | Salomonen itzala ote da Mendozaren atzeko hori? | Xabier Letona | 2016-02-07 00:00:00 | Salomonen itzala ote da Mendozaren atzeko hori?
OTSAILAREN 13-14AN EAJk Batasuna eta indarra agiri politikoa onartuko du Iruñeko Baluarten egindako batzarrean. Testuaren oinarrian ez da ezagutzen ez denik, baina agirian esaten denak aurrera eginez gero, egoera berrietara eraman gaitzake: bigarren trantsizio batera, jeltzaleek azpimarratu duten moduan. Testu jeltzaletan oso ohikoa den gisan, potentzialitatea bada; errealismo jeltzalearekin uztartu ondoren zer aterako den, hori beste gauza bat da. Errealismo jeltzalean funtsezkoa da Moncloan nork agintzen duen; are funtsezkoago da Ajuria Enean nor den, baina ideia horrek ez die arazo handirik sortzen, azken hamarkadatan han batez ere beraiek agindu dute eta. Abenduaren 20ko hauteskunde emaitzekin hori Gasteizen ere aldatuko den ikusgai da; samurra ez dirudi, baina ezinezkoa ere ez. Pistak Espainiako Gobernuaren osaketak emango ditu.
Euskal Herriari begira, dokumentuaren oinarria edozein abertzaleren haginak zorrozteko modukoa da: Ibarretxe Plana zena eta Loiolan 2007an EAJk, PSE-EEk eta Batasunak lortutako aurreakordioa, orain hobeto dakigunez, Batasunak onartu zuena, baina ETAk eta ezker abertzaleko beste sektore batzuek ez. 2013aren amaieran EH Bilduk berak bi oinarri horiek eraman zituen Eusko Legebiltzarreko autogobernuaren lan-taldera. Biek tresna berberak eta ezin topo egin? Halakoa da politikaren labirintoa, funtsean gehienetan garrantzitsuena ez delako zer izaten noiz, nola, norekin eta zertarako baizik. Eta hor nekez ikusten da adostasunik oraindik.
Beste bektoreren bat behar da eragiketa horrek bestelako emaitzarik izan dezan. Ahal Dugu izan daitekeen ikusgai da, baina denak adierazten du Iglesiasen alderdia geratzeko etorri dela euskal gizartera. Eta eragiteko. Jeltzaleen agiria ondo kokatzeko, halaber, garrantzitsua da ulertzea legealdi baten amaieran gaudela eta aurki –teorikoki udazkenean– Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla. Ez da komeni ahaztea, 2011ko EAEko hauteskundeetan kontsulta bat agindu zutela 2015erako beren hauteskunde programan. Edo merezi du kontuan izatea Eusko Legebiltzarrean boto soberanista oso nagusi izanda iritsi dela amaiera penagarri batera autogobernuaren lan batzordea.
Jeltzaleen agiria ondo kokatzeko, halaber, garrantzitsua da ulertzea legealdi baten amaieran gaudela eta aurki
–teorikoki udazkenean– Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla
Batasuna eta indarra , Iruñean onartu zen (1977) eta onartuko den (2016) testu baten titulua da, baina izan zitekeen baita ere hauteskunde kanpaina luze bati hasiera emateko lelo eraginkor bat.
MADRIL ALDEAN ERE hauteskundeetarako lelo bila ari dira jadanik alderdi nagusienak, dagoen gobernu-korapiloarekin aukera hori ere ezin baita baztertu. Boterean, hala ere, koalizio gobernu handiaren aldeko bultzadan jarraitzen dute; Europar Batasuna, Ibex, El Mundo, El País eta abarrek garbi dute. Baina Don Inorrez zena matxinatu egin zaie PSOEren idazkaritza nagusitik eta orain erditik kendu behar, pentsatu baino lehenago.
Horretan ari dira, lotsa gutxirekin gainera, Pedro Sanchezek militanteei kontsulta egiteko egindako iragarpenari El País eko editorialak (urtarrilak 31) emandako erantzunak erakusten duen legez. PSOE ez da CUP zioen editorialaren tituluak eta hala testuaren zati batek: "Buruzagiak arazoak dituenean oinarriei dei egiteko duen joera hori erdipurdiko politikarien eta erakunde populisten heldulekua da". El Diario koek, aldiz, laster erreskatatu zuten 2013an Alemaniako sozialdemokratek Angela Merkelekin lortutako akordioa oinarrietara eraman zuteneko egunkari bereko editoriala, hura ez baitzen politikari kaskarren kontua, "populismoen antidoto bihurtu beharko litzatekeen sakontze demokratikoa" baizik. Batek daki nola deituko zaion jokamolde horri kasino-kazetaritzaren estilo-liburuetan.
NAFARROAN ERE aste garrantzitsua izango da. Foru Gobernuak hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoarekin eta irakasleen zerrenda bakarrarekin zer egin erabaki beharko du. Edozein irtenbidek ekarriko dio egurra, beraz, duinena eta politikoki bere printzipioekin zintzoena iragarritako asmoei eta zerrenda bakarraren ideiari eustea litzateke. Ikusgai hau ere, baina ez dakit Mendozaren atzean ikusten den hori ez ote den Salomonen itzala. | news |
argia-a6e1efb4adf8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/johanna-alanen-bullyingari-aurre-egiteko-kiva-programan-aditua.html | "Bullyinga denen ardura dela ulertzen dute ikasleek" | unknown | 2016-02-07 00:00:00 | "Bullyinga denen ardura dela ulertzen dute ikasleek"
2009an hasi ziren Finlandian KiVa metodoa erabiltzen, bullying edo eskola jazarpenari aurre egiteko. Erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu dute, eta herrialdeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen %90etan ezarri da. Metodoaren arrakasta ikusita, hamar bat herrialdetara hedatu dute eta gurean ere, KiVa aztertzeko lan jarduna antolatu du Ikastolen Elkarteak. Besteak beste, programaren nazioarteko koordinatzaile Johanna Alanen izan dute gonbidatu.
Soilik biktiman edota erasotzailean zentratu ordez, talde osoan eragitea da KiVaren gakoa.
Ikasleak gaitzen saiatzen gara, biktimak defendatu ditzaten eta jazarpena ez dezaten onartu. Jende asko konturatzen den arren bullyinga gaizki dagoela, biktima defendatzen dutenen kopurua nahiko txikia izan ohi da, beraz helburua da haurrak aktibo bihurtzea, defendatzeko pausoa eman dezatela.
Eta hori nola lortzen da?
Haurrekin eztabaidatzen dugu jazarpen egoeretan dauden rol ezberdinei buruz, erasotzaile zuzen ez diren ikusle eta lekukoek ere rol bat daukatelako; adibidez, inguruan barrez aritzen direnek erasotzailea indartzen dute, helarazten dioten mezua da egoera entretenigarria eta dibertigarria dela. Guk ikusarazi nahi diegu prozesu horretan bakoitzak rol bat betetzen duela, zeregin bat, eta denena dela gertatzen ari denaren ardura eta erantzukizuna; bestelako rol bat jokatu dezaketela ulertzen dute, taldearen presioari men egingo ez dion rola, eta jazarpena amaitzea ekar dezakeena. Ariketa ugari egiten ditugu horretarako, teoriko eta praktikoak, eztabaida taldeak antolatuz, rol jokoak eginez… eta haurrak konturatzen dira erabakia euren gain dagoela: jazarpena onartzen jarraitu dezakete edo zerbait egin.
"Harreman sanoak garatzeko oinarrizko kontzeptuak lantzen hasten gara ikasleekin: enpatia, errespetua, nola komunikatu emozioak... Eta ondoren hasten gara jazarpenaz hitz egiten"
Enpatia lantzea ere inportantea izango da…
KiVa programaren oinarrietako bat da haurren arteko enpatia sentimenduan sakontzea, ulertu dezaten nola sentitzen den biktima eta ondorioz berau babestu dezaten. Harreman sanoak garatzeko oinarrizko kontzeptuak lantzen hasten gara ikasleekin: enpatia, errespetua, nola komunikatu emozioak, nola interaktuatu gainerakoekin… Hori da abiapuntua, eta ondoren hasten gara jazarpenaz hitz egiten.
Erasotzaileak lanketa berezia behar al du?
Erasotzailearekin bakarrik hitz egiten da, baina talde-dinamikak ere mantenduz. Biak dira beharrezkoak eta kasuaren arabera batak edo besteak hartuko du indar handiagoa: bakarkakoa zuzena da, "badakigu zer ari zaren egiten eta honek amaitu egin behar du", eta taldekakoa zeharkakoagoa da, konfrontazioa ez da hain zuzena, eta besteenganako enpatia lantzea du helburu, biktimari eragiten zaion mina ikusaraztea… Hurbilketa ezberdinak dira, arazo berari aurre egiteko.
Zein da zehazki metodoak jarraitzen duen prozesua eta erabiltzen duzuen materiala?
Hiru etapatan banatuta ematen da: 7-9 urteko etapan, 10-12koan eta 13-15ekoan. Material mota asko dugu, oso interaktiboa, bai on-line eta bai paperean, baita ikus-entzunezkoa ere, irakasle, ikasle eta gurasoei zuzenduak. Prebentziora eta interbentziora bideratutako tresnak dira, prebentzio lana oso inportantea delako, baina baita ere jazarpen egoera bat dagoenean horri aurre egiteko ikasle, irakasle eta gainerakoei baliabideak ematea. Urtero, ikasleek internet bidezko galdetegi bat betetzen dute anonimoki, konta dezaten ea jazarpen kasuren bat jasan duten edo ikusi duten, eta horrek informazio asko ematen digu eskolaren egoerari buruz, oso baliagarria da baloratu ahal izateko ea ikastetxe jakin horretan KiVaren bidez erabiltzen ari diren tresnak, ariketak eta eztabaida-taldeak ondo funtzionatzen ari diren ala ez.
Norbait bullyinga jasaten ari dela onartzea edo salatzea da urratsik zailena? Antzematea? Nola lortu lehenengo pauso hori?
Eskolako langileentzat ez da batere erraza kasu guztien berri izatea, eta lehen aipaturiko galdetegi anonimoetan ikusi dugu, KiVako saioetan antzematen ez diren kasuak badaudela. Desoreka hori gainditzeko eta gertatzen diren kasu guztiak azaleratzeko bide ezberdinak aztertzen ari gara, eta hala, salaketa aurrez aurre egin beharrik gabe, aukera ematen dugu internet bidezko postontzietan ikasleek gertatzen denaren berri eman diezaieten irakasleei.
Bestalde, irakasleen egitekoa funtsezkoa da, formakuntza jasotzen dute, eta ikasleei erakusten diete egoera batzuk arruntak direla eta beste batzuk ez, zer den bullyinga eta zer ez, une jakin batean berdinen artean gertatzen den gatazka ez baita jazarpena, baina bai berdintasun egoeran ez daudenen artean eta botere hori baliatuz ematen den zapalkuntza sistematikoa.
Ziberbullyingari aurre egiteko ere balio al du KiVak?
Jazarpen mota guztiei aurre egiteko eraginkorra da, izan jazarpen fisikoa, internet bidezkoa, bazterketa sozialari dagokiona…
Hezkuntza komunitatearen eta Finlandiako Gobernuaren arteko konpromisotik jaio zen KiVa. Zein mailatakoa da Finlandian ikastetxearen elkarlana komunitatearekin, herriarekin, administrazio publikoarekin…?
KiVa Finlandiako Gobernuaren erabakia izan zen, Gobernuak ezarritako programa, baina uste dut oraindik egiteko asko dagoela eskola, herri, komunitate eta guztien arteko elkarlana indartzeko, bullyingari benetan aurre egin nahi badiogu. Guk, une hauetan, batez ere gurasoekin egiten dugu lan, oso garrantzitsua delako eurak inplikatzea, zer esanik ez jazarpena antzemateko orduan, biktima bat dagoela jakiteko.
Bere horretan esportagarria al da eredua?
Materiala berdina da leku guztietarako, baina tokiko eragileekin egiten dugu lan, eta tokiko kulturara eta moduetara egokitzen dugu. Adibidez, KiVaren barruan konfrontazioa presenteago duten estrategiak eta konfrontaziorik gabekoak ditugu; bada, herrialde batzuek nahiago dituzte hizketaldi zuzenak (Finlandian adibidez, estrategia hau asko erabiltzen dute irakasleek, "honek amaitu egin behar du"), eta beste herrialde batzuetan aldiz, kulturalki konfrontazio hori ez zaielako aproposa iruditzen, nahiago dituzte zeharkako lanketak, talde dinamikak (esaterako, Herbehereetan). | news |
argia-045f490282ef | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/antxon-gomez-anvko-idazkari-nagusi-ohia.html | "'Zutik Euskal Herria'ren ostean arrautza guztiak saski instituzionalean jarri ziren" | Axier Lopez | 2016-02-07 00:00:00 | "'Zutik Euskal Herria'ren ostean arrautza guztiak saski instituzionalean jarri ziren"
1930ean sortutako ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza) 2008an utzi zuen legez kanpo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Alderdiaren historian hirugarren legez kanporaketa. Urte luzez Antxon Gomez (1964, Gasteiz) izan zen bere idazkari nagusia. 04/08 (Segura, EHAK-PCTV, eta EAE-ANVko) auzian auzipetu berri dute. Epaiketan lortutako akordioaz eta ezker abertzaleko azken 15 urteetako ibilbideaz jardun dugu berarekin.
2000. urtera arte egingo dugu atzera. Batasuna sortu zen orduan eta zuek alderdi berritik kanpo geratu zineten. Zergatik?
Batasuna alderdi gisa sortu zen eta ANVk esan zuen ez zuela parte hartuko HB zen herritarren batasunaren apurketan. ANVren kultura politikoan beti egon da herritarren frontean parte hartzea. 1930eko hamarkadan estatu mailako Fronte Popularrean aritu ginen, frankismoan Euskal Frontean eta 80etako hastapenetan HBren sorreran.
Bi arrazoirengatik egin dugu beti herritar batasunaren alde. Bat, ezker abertzalearen potentzialitate osoa jasotzeko modu bakarra da; ezinezkoa da enpresari txiki independentista eta alderdi komunistako kideak alderdi bakarrean egotea, baina bai herritarren batasunean. Bi, alderdi politiko bakarra ahula da Estatuaren aurrean eta bereziki errepresioaren aurrean, gero Batasunarekin argi ikusi zen gisan.
Gero ilegalizazioaren aroa iritsi zen. Ez zeundeten onenean Batasunarekin, baina 2007ko udal hauteskundeetan ezker abertzalearen marka izan zineten. Zer oroitzapen duzu?
Ezker abertzalea Euskal Herriko familia soziopolitiko handi bat da, ideologiaz eta antolaketaz oso anitza, Batasuna baino askoz gehiago da. Eremu komunista eta libertariotik sozialdemokrazia edo sozial-kristautasunerainoko esparrua har dezake. Eremu hori guztia geratu zen siglarik gabe hauteskundeetan, eta gure siglak haren sostengura jarri genituen; Aralar bazen, baina ezker abertzaleko oso esparru zehatza ordezkatzen zuen.
"Alderdi bakarraren ereduarekin ezinezkoa da estatuekin konfrontazio demokratikorik bideratzea"
Hauteskundeen ondoren zuek ere legez kanpo geratu zineten. Zeintzuk izan ziren horren ondorioak ANVrentzat?
Ondorio ekonomiko oso handiak izan zituen. Ezker abertzale osoan, seguruenik ANV zen egoera ekonomiko onena zuen erakundea, 36ko Gerran ebatsitako ondarearen zati txiki batekiko kalte-ordaina –600.000 euro inguru– eman zigulako Estatuak 2002an. Askoz gehiago ere izan zitekeen, milioi eta erdi euroraino ere bai agian. Gure hainbat zerrenda legez kanpo jarri ondoren, guk kalte-ordaina ez kobratzeko ad hoc egindako legea atera zuten, esanez alderdiren bat legez kanpo egonez gero, kalte-ordaina galduko zuela. Hainbat egoitza ere galdu genituen.
Ondorio pertsonalak ere izan ziren. Ilegalizaziorako abian zen bide administratiboaz gain, hauteskundeetara aurkeztu ahal ez izateko [Baltasar] Garzonek bide penala aktibatu zuen. Horretarako hainbat kide inputatu behar zituen eta hala egin zuen Kepa [Bereziartua], Alazne [Arozena] eta nirekin.
2010ean Zutik Euskal Herria agiria izan zen inflexio puntuetako bat. Nola bizi izan zenuten zuek?
Ziklo politiko-militarraren amaiera adierazten zuen testu hark eta beste ziklo baten hasiera. ANVkoak izandako zenbait kide historikok aktiboki parte hartu genuen aldaketaren alde. Halako testuak, dena den, sarritan bihurtzen dira testu sakratuen gisakoak eta interpretazio askorako ematen dute. Testu hark eman zezakeen gero Sortuk egin duena egiteko aukera edo bestelako urratsak egitekoa.
ANVren bueltan ibili zinetenontzat, ondo garatu al zen Zutik Euskal Herria ?
Guk uste genuen ziklo politiko-militarra bukatu ondoren, Estatuarekiko konfrontazio demokratikoaren zikloa irekiko zela. Horretarako tresna bat zen, esaterako, Adierazi Euskal Herria: 70 bat eragile eta norbanakoak biltzen zituen koordinakundea zen, Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa bideratzeko, intsumisioa, desobedientzia zibila eta gisakoak erabiliz. Nonbait, batzuek bide hori eten egin zuten.
Independentistak Sarea zen beste tresna horietakoa, erreferentzialtasuna hartu zuen eta bat-batean leku guztietatik gasa galtzen hasi zen. Eta sortu zen Gure Esku Dago, zuzeneko planteamendu independentista batetik erabakitzeko eskubidera iraganez. Beste zenbait herri mugimendu ere likidatu ziren, kale mailako bor-bor hori galdu egin zen eta arrautza guztiak saski instituzionalean jarri ziren.
Kepa Bereziartua eta Antxon Gómez, 2007ko prentsaurreko
batean Barakaldon
EA, Aralar eta Alternatibarekin aliantza egin zen eta hori ona da gure tradizioan, hauteskundeetan ahalik eta bozka gehien biltzea ona delako eta instituzioak kudeatzeko aliatuak behar direlako. Okerrena da estrategia eta taktika nahasten direnean, hau da, EH Bilduko aliantzak estrategiko bihurtzea, zure proiektu politikoa hor lausotuz.
Ika-mika handia izan zen Zutik Euskal Herria dela eta, batez ere erabakia hartzeko moldeaz, nork, nola…
Talka betiko muinean sortu zen eta ezker abertzalearen bi ikuspegi kontrajarri agertu ziren: batetik, oinarrian herri mugimendu indartsu bat duen herritarren batasunaren antolaketa, gizartea aktibatua mantenduko duena; horrek, nahitaez, estatuekin konfrontazio demokratikora eramaten zaitu; eta bestetik, sistemaren barruan gero eta normalago ari den alderdia, gazteria eta sindikatuekin batera arituko dena, baina gero eta zarata gutxiago aterako duena. Alderdi bakarraren ereduarekin ezinezkoa da estatuekin konfrontazio demokratikorik bideratzea.
Eta ilegalizazio haietatik auzipetze hauek. Zu ere Segura Auzia n sartu zintuen Auzitegi Nazionalak, baina aparteko abokatua izan duzun bakarra izan zara. Zer gertatu da?
Gure defentsa beti eraman du ezker abertzaleko abokatu oso ezagun batek eta Alderdien Legearen ildotik egin zen ANVren ilegalizazioaren defentsa hark bideratu zuen. Abokatu talde hark oso ongi ezagutzen zuen 18.000 orriko gure sumario zatia. Epaiketa hastea aurreikusitakotik lau bat hilabete lehenago, 2014an, Pernando Barrena etorri zen nirekin hitz egitera eta esan zidan jadanik ez nintzela ezker abertzalekoa eta ez zuela zentzurik abokatu talde berarekin izatea.
"Pernando Barrenak esan zidan jadanik ez nintzela ezker abertzalekoa eta ez zuela zentzurik abokatu talde berarekin izatea"
Horrek bi ondorio zituen. Batetik, epaiketa hasteko lau hilabeteren faltan, nork hartuko zuen sumario itzel hura? Ez zen erraza. Bestetik, ni deskolokatua geratu nintzen. Zer esan nahi zuen ni ez nintzela ezker abertzaleko kidea, beti mundu horretan lanean aritu naizenean? Nire interpretazioa da Sortuk oraindik baduela gainditu ezineko kontraesana herritar batasuna eta alderdi bakarraren artean. Horrez gain, haiek prozesua deitzen zuten horrekiko gu oso kritiko ginen. Jendeari ezin zaio kea saldu. Barrena etorri baino astebete lehenago iritzi artikulu batean esan genuen hori, ez dakit horrek ere eragina izango zuen gu baztertzeko, baina handik sei-zazpi hilabetera Arnaldo Otegik antzekoa esan zuen: prozesurik ez zegoela, prozesua izateko bi alde behar direlako. Ez zuen zentzurik epaiketara bi taldetan joateak –ni eta gainerako 34ak–, baina hala erabaki zuten, eta azkenean tartalarien defentsan eta beste hainbat kontutan militante euskaldunekin aritutako abokatuek hartu zuten nire defentsa: Haizea Nuñez eta Fidel Sanchez. Eskertu nahi diet horrelako epaiketa zailari aurre egiteko azaldu duten prestutasuna.
Gertaera horiek zertan eragin dute auzipetuekiko zure harremanean?
Jakina, harremanak gaiztotzen dira. Zenbait auzipeturekin harremana ona da, baina beste batzuekin ez dut hitz egiten.
Azkenean akordio bidez ebatzi da auzia. Nola izan da prozesua?
Urtarrilaren 11ko goizean fiskalaren zenbait lekukok deklaratu zuten eta arratsean akordioa eskaini ziguten. Hitzezkoa zen. Ondoren, fiskaltza, AVT, Dignidad y Justicia (DyJ) eta defentsako abokatuek behin betiko akordioa finkatu zuten, eta denok onartu ondoren epaian txertatu zen. Bestelako sukalde lanik egon bada, guk ez dugu ezagutzen.
Zeintzuk dira akordioaren gako nagusiak?
Gure kontrako akusazioak eta biktimei erreferentzia egitea onartu ditugu; zigorra onartu dugu eta trukean ez goaz espetxera. Akordioa aho batez berretsi beharrekoa zen. Nire aurkako akusazioak ondokoak dira: prentsaurrekoak ematea, manifestazioak antolatzea eta hauteskunde kanpaina prestatzea; eta guztia Batasunaren aginduz egin nuela.
Akordioari buruz bi aldeek egin dituzten interpretazioak oso ezberdinak dira. Adibidez, DyJ-k dio "dena da ETA" teoria berretsi duzuela.
DyJ-k berak esan du aukera asko zegoela hainbat auzipetu kargurik gabe ateratzeko eta, beraz, nahiago izan dute denok zigortu, gutako batzuk errugabe utzi baino. Epaiketetan akordio asko eman ohi dira, baina aurrenekoz gertatu da halako makroepaiketa batean. 10 urte eskatzetik, urte eta erdira jaitsi da, kartzela saihestu, inhabilitazioa txikiak jarri… deskolokatuta utzi gintuen lehen une horretan.
Argazkilaria: Dani Blanco
Interpretazioetan jarduera armatuaren gaitzespena agertu da.
Gaitzespen hitza ez da akordioan azaltzen. Gauza bat da akordioa eta beste bat hurrengo eguneko prentsaurrekoan akordioaz esaten dena. Aurrerantzean bortizkeriaren erabilerari uko egingo diogula sinatu dugu. Ni ANVko kidea izan naiz eta ez dut inoiz biolentzia erabili. Inoiz erabili ez duzunari uko egiteak ez dit kontraesanik sortzen.
Beraz, kartzela saihesteko aukera emanda eta kontraesanik sortzen ez dizula ikusita, akordioa oso ona da.
Ez da hain ona, ona izateko biktima guztien aitortza jaso beharko lukeelako. Biktima guztiekiko erreparazioa behar da aro politiko-militarra ixteko. Egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikapenerako eskubidea du biktima orok, baina bakarrik alde bateko biktimak aintzat hartzen ari dira. Horregatik ez gara normaltasun politikoan bizi. Ez da ahaztu behar kondena bat jaso dugula, espetxeratzea besterik ez dute eten.
Akordioak esperantzarik ematen al du etorkizuneko beste makro-prozesuei begira?
Gure ustez akordio hau puntuala da, baina denborak esango du. Gure "delituak" bi gradu jaitsarazi ditu aplikatutako artikuluak eta hori bakarrik erabil daiteke "delituen" ondorioak larriak ez badira; alegia, tartean biktimarik ez badago. Erakunde armatuko kideentzat edo kale borrokarekin lotutako kasuentzat ez luke balioko. Halere, ez da gutxi; beren jardun politiko publikoagatik 100 pertsona baino gehiago daude epaituak izateko zain.
Akordioaren bezperan, Rufi Etxeberriak urrats berriak ematera gonbidatu zuen EPPK. Bi gertakariek zerikusirik ba al dute?
Batzuek biak lotu nahi dituztela ematen du. Nik ez diot ikusten lotura errealik. Askotan ahazten zaigu preso politikoek eta beren senideek nahikoa lan dutela eguneroko bizitzan, dispertsioak eta kartzelatzeak berak sortutako arazoei aurre egiten. Rufi Etxeberria buruzagi politikoa da, eta ez luke presoen gainean zama handiagoa jarri beharko. Presoei sostengu soziopolitikoa ematea dagokigu. Benetan zatarra iruditzen zait zama berriro presoen eta senideen bizkar gainean jartzea.
Nola ikusten duzu amnistiaren inguruko eztabaida?
Nahasten da helburu estrategikoa taktikoarekin. Independentzia eta sozialismoa bezain estrategikoa da amnistia, eta hala izan da ezker abertzalean beti. Gatazka politikoa amaitzeko modu bakarra da militante politikoei amnistia ematea, gatazka eragin duten arrazoiak gainditzea ekartzen duelako. Amnistiaren aldarrikapenak izaera politikoa ematen die presoei.
"Giza eskubideen aldarrikapena amnistiaren aldeko borrokarekin batera eman beharko litzateke. Bi bideak ez dira kontrajarriak"
Giza eskubideen aldarrikapena amnistiaren aldeko borrokarekin batera eman beharko litzateke. Bi bideak ez dira kontrajarriak. Azken hilabeteotan, amnistiaren aldeko mugimenduaren eta Sareren arteko planteamenduen talka irudikatu nahi izan dute. Baten batek azaldu beharko du zergatik den posible Sarek Baionan antolatutako manifestazioa Ipar Euskal Herriko amnistiaren aldeko mugimenduak babestea eta zergatik hori ez den posible Hegoaldean. Horrelako barne gatazketan indar piloa galtzen da eta jende asko kokoteraino dago. Ilusio eta kemen falta nabarmena dago.
Gai hau akordioarekin lotuz, Filipe Bidarteren hitzak ekarri nahiko nituzke: "Gu kalean gaude, baina ez gara libre". Preso politikoak ateratzen dira kartzelatik, baina ez dira libre, aurrekariak dauzkate –gure kasuan bezala–, kalte-ordainei aurre egin behar diete, markatuta daude, inhabilitazioak egon daitezke, eta abar. Amnistia beharrezkoa da jende hori guztia Euskal Herrian libre izan dadin. | news |
argia-a4ad49ccd964 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/doinu-gordinagoak.html | Doinu gordinagoak | Joxi Ubeda Goikoetxea | 2016-02-07 00:00:00 | Doinu gordinagoak
The Uski's taldeak rock and roll, pop rock, surf rock, garage eta pop doinuak uztartzen jarraitzen du, baina apur bat gogortu, gordindu eta amorratu egin da. Disko berriko kantuak gogorragoak dira, eta soinua gordinagoa eta zikinagoa da. Taldekideek melodiak sortzeko erraztasun handia dute, ahotsak garrantzitsuak dira, baina lan berrian koruak ez daude horren landuta eta gitarrek presentzia handiagoa hartu dute.
Taldekideei barrenetik irten zaie hori guztia. "Bizitzak apur bat katramilatu egin zaizkigu", esan zuten udazkenean diskoa aurkeztu zutenean, eta horrek eragina izan du euren musikan. Dena den, haien ohiko bizitasuna, etorria, gatza eta piperra ez dute galdu, eta dozena bat kantu polit bildu dituzte lan berrira. Urdulizko Tio Pete estudioan aritu dira, Jose Lastra teknikariarekin, eta ekoizpen lan ona egin dute.
Iñigo Eiguren (ahotsa), Jon Zameza (gitarra, baxua, ahotsak), Anartz Laka (gitarra, baxua, ahotsak), Oier Laka (gitarra, baxua, ahotsak) eta Iñaki Astoreka (bateria) dira The Uski's taldeko kideak. Ibarrangelu eta Elantxobe herrietakoak dira, eta inguru horretan erabiltzen duten bizkaieraz kantatzen dute.
Hitzetan, beti bezala, eguneroko bizimoduko kontu txikiez eta ez hain txikiez mintzo dira, eguneroko gertaerez eta egoerez, harremanez eta sentimenduez, baina lan honetan aurrekoetan baino gehiago egin dute kritika soziala eta politikoa: "Zetan ete zabiz egun osue biharrin, bizije bertan izten nahi dozun beste ahal daizun erosi, zetako zabizen gaba ta egun Interneten sekule biziko eztozuzen bizijekaz amestuten" ( Begijek erei ), "Mr. Bajoi hametik dabilenien ustel usaine susmatzen dot airien, ardiz jantzitze etortzen diren arren demoninun buztana hanka tartien" ( Mr. Bajoi ). "Goiza hasten den bakoitzean, zeure aurpegixe agertzen da niri buruen, zelan esan, egunon laztan, eta musiki ipini ta bixok jantzan" ( Goiza hasten ).
Taldea 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen, bost disko dauzka kalean – Itxosun zarati (Oihuka, 2005), Barikun (Oihuka, 2007), Katuek bezala (Baga Biga Produkzioak, 2009), Tximinotan (Baga Biga Produkzioak, 2012) eta The Uski's (Baga Biga Produkzioak, 2015)–, eta kantuz kantu, diskoz disko eta emanaldiz emanaldi sendotzen ari dela nabarmena da. | news |
argia-f0a3a0ff5f5e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/nori-baino-norekin-deitu.html | Nori baino, norekin deitu | Lander Arretxea | 2016-02-07 00:00:00 | Nori baino, norekin deitu
Bestelako kontsumo ereduak aipatzen hasi eta normalean lehenengo sektorea etortzen zaigu burura: kontsumo taldeak, bertako produktuak… Baina kontsumo kritikorako neurriak ez dira jan-edanera mugatzen. Azpiegitura erraldoiak behar dituen teknologia eta telekomunikazio sareen alorrean ere sortu dira lehenengo alternatibak. Haietako bat da telefono eta internet zerbitzuak eskaintzen dituen Eticom - Som Conexió kooperatiba. Herrialde Katalanetan abiatutako proiektua da, baina Euskal Herrian ere martxan da dagoeneko.
Erabat burujabe ez, oraingoz
Ohikoa da han eta hemen Movistar, Euskaltel, Vodafone eta abarrek eskaintzen duten zerbitzu opako eta traketsaz kexak entzun edo irakurtzea. Bada, zerbitzu bera irabazi asmorik gabe, eta proiektu parte-hartzaile bezain gardenarekin eskainiz erantzun nahi dio Eticomek egoera horri. Funtsean, zentzua eman nahi diote "norekin deitu?" galderari.
Hori bai, gaur gaurkoz, oraindik ere enpresa handiagoen iturritik edan behar du Eticomek, Oscar Randok argitu duenez: "Telefonia mugikorrean guk lortu ahal dugun burujabetasun handiena da operadore mugikor birtuala (OMB) izatea, hots, sarerik gabeko operadorea. Espainian, Movistar, Vodafone, Orange eta Yoigo enpresek kudeatzen dute sarea. Araudia aldatu arte, guk eskaintzen ditugun zerbitzuak operadore horietako batekoak izan behar dira".
Bezero beharrean, bazkide
Zein da aldea orduan? Garrantzitsuena: zerbitzua erabiltzen duena bazkidea dela, eta ez ordaindu eta kontsumitzera mugatzen den bezeroa. 100 euroko ekarpena egin behar da bazkide izateko, eta trukean, kooperatibaren erabakietan parte hartzeko aukera dago: zein prezio ezarri, irabaziak zertara bideratu… Horrez gain, bazkide bakoitzak bost lagun gonbida ditzake zerbitzua erabil dezaten.
Bigarren desberdintasunak zerbitzuaren baldintzekin du zerikusia. Batetik, tarifa eta promozio nahasgarriak erabiltzeari uko egiten diote: 9,99 euroko prezioa ipini beharrean, 10 eurokoa jartzen dute. Bestetik, prezio guztiek BEZa barne dute hasieratik: ahal bezain kontratu ulergarrienak osatzen saiatzen dira, letra txikirik gabe; eta kontratatuko zerbitzuak eskaintzen duena baino gutxiago erabiltzen duenik egonez gero, tarifa merkeagoa hartzea proposatzen diote. Neurri horiekin izkin egin nahi diete beste hainbat hornitzaileekin hain ohikoak diren ezuste eta disgustuei.
Eticomek telefono mugikorretarako zerbitzua soilik eskaintzen du oraingoz, baina "buru-belarri" ari dira lanean interneteko konexioa ere eskaintzeko. Horixe dute erronka, sektoreko joeraren kontra, gero eta alor gehiagotara eramatea etekin ekonomikoak baino behar kolektiboak lehenesten dituen kontsumoa. Ez da helburu makala. | news |
argia-2f0e01e270d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/desgobernuan.html | Desgobernuan | Aingeru Epaltza | 2016-02-07 00:00:00 | Desgobernuan
Ikuskizun polita antzezten ari dira joan den abenduko hauteskundeen ondoko agertokian. Rajoy nokeatu itxuran. Sánchez noraezean. Rivera predikari. Iglesias prestidigitadore. Gainerako liderrak, begira, hitzaren bi adieretan. Hilabetea ederki joana da hautestontziekiko legea bete genuenetik eta oraino ez dago garbi nor izanen den Moncloako maizterra, ezta botoa ematera ez ote garen berandu baino lehen itzuli beharko. Behin-behinekotasuna bizi dugu, eta horrek ezinegona ekartzen dio ekonomiari eta zenbaiten arimari. Hainbatek gauzak zirt edo zart trenkaturik ikusi nahi dituzte, zeren kontra jo behar duten lehenbailehen jakiteagatik baizik ez bada ere. Niri, aldiz, gozoa zait desgobernu hau. Antzezlana, bederen, urrundu egin da ohiko gidoi-lerro aspergarrietatik. Aspaldiko partez, interesgarri dabil espainiar politika.
Gustatu zait Podemosen lotsagabekeria. Bere proposamenarekin, kortesia arau guztiak hautsi ditu Sánchezekin. Lerro hauek idazteko tenorean, PSOEren teilatuan da espainiar pilota. Haren arimaren erdiak Iglesiasekin akordioa egitera bulkatzen du. Bertze erdiak nahiago luke PPrekin eta Ciudadanosekin bere abstentzioa hitzartu, popularrek goberna dezaten. Kontsolamendu saria Rajoyren burua izan liteke. Horren alde lanean ari dira, esku azpiz nahiz agerian, Estatuko nahiz Europako aginte faktiko guztiak.
Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, berriz, lehenbizikoa dute maite. "Sánchez-Iglesias operazioak", egia bilaka dadin, sei diputatu jeltzaleen sostengua behar du. Alderdiak jadanik bere prestutasuna adierazi du horretarako. Urkulluren neska-mutilendako ametsa da berreskuratzea Estatuko politikan eragiteko XX. mendearen azken urteetan izan zuten ahalmena. Begi-bistakoak dira, bertzalde, Uxue Barkosi sozialistak gobernatzen ikusteak ekarriko lizkiokeen onurak, Podemos bere sozioaren eta EAJ bere koaliziokidearen laguntzaz baldin bada. Madrilekiko tira-birak eztitzeak eta Iruñean PSN oposizio gisa desaktibatzeak arnasa emanen lioke jadanik sobera fronte irekita dauzkan gobernuari.
Horren guztiaren aitzinean, isilik bezain zuhur dago Bildu. Zer zentzudun bilakatu den denbora gutian ezker abertzalea! Hark ere beso erdia emanen luke Sánchez gobernuburu izatearen truke, orain arteko kartzela politikan ireki litezkeen artesien esperantzan. Itxurak itxura, sukar katalana ikaragarri apaldu da gurean.
Bertze kontu bat da zer aterako den zurrunbilo gaitz horretatik. Azken 40 urteko historiak ongi erakutsi du zein izaten den beti sozialistek bidegurutzeetan hartzen duten norabidea. Nafarroan aunitz dakigu horretaz. Hura etorri arte, goza gaitezen desgobernuaz. | news |
argia-e812e21f7b6c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/astrak-10-urte.html | Ezinezkoak ziruditen bide propioak eraikitzen | Asier Arrate Iruskieta | 2016-02-07 00:00:00 | Ezinezkoak ziruditen bide propioak eraikitzen
1990eko hamarkada amaieran eta 2000ko hasieran hazkunde ekonomikoa puri-purian zela proiektu ugari jarri ziren martxan kultura eta turismoa suspertzeko asmoz. Gernika ere, Bakearen eta Kulturaren Hiria izaki, olatura igo zen: areto berriak, museoak, nazioarteko artisten eskulturak… Turismora eta ekonomiara begirako kutur eredua zen ordea, eta horrek baztertuta utzi zituen herriko gazteak. Erakundeen eskaintzan integratu ezinik, autogestioaren bitartez euren bide propioa egitea aukeratu zuten. Are gehiago, atzera begira ez ibiltzea eta euren historia bizitzea erabaki zuten. Herriari beste nortasun bat ematea bonbardaketatik eta arbolatik harago.
Abenduaren 24an, goizaldeko 5:00etan ekin zioten euren bideari. Herriko zenbait gaztek trenbidea igaro eta Gernikaren beste garai bateko ikur zen Astra arma lantegian sartu ziren. Erronka galanta aurkitu zuten, mailutzarrarekin itsututako atea bota zutenean: eraikin oso bat atontzeko, baina batez ere, gernikar "erbesteratu" haien beharrizanei erantzuna emateko eginbeharra. Hamar urte igarota, urteurreneko lemak dioen bezala, Ezinezkoak okupatu zituzten.
Okupazioan izan zen Oier Plaza Gartzia, geroago batu zen proiektura Leire Lopez Ziluaga. Biek Astrako Koordinadoran parte hartzen dute egun, eta proiektuak bidean ikasitakoa oinarri, okupazioaz, burujabetzaz eta transmisioaz mintzatu dira besteak beste. Aukera faltaren aurrean bide propioa hartu izanak gernikarrak ahaldundu dituela uste dute. "Norbaitek zerbait falta dela sumatzen badu, badaki hutsune hori berak bete ahal duela". Gazteentzat ezer ez egotetik aukerak izatera pasa dira hamar urtean, nahiz eta "kontziente ez izan".
Egun Astra erabat barneratuta dago Gernikako egunerokoan. Hilero agenda kultural zabala eskaintzen du, eta herriko elkarte eta erakunde ugarik baliatzen du ekintza, batzar edo bestelakoak egiteko. Ez hori bakarrik, Astrak eskainitako abaguneak talde berriak agertzea ekarri du. Emaitza bikaina, baina azpimarratu dute Astra ez dela horren arrazoi bakarra. "Gazteak izan dira oinarria, ez Astra, eta horren adibide da eraikina okupatu aurretik Iparragirre Rock Elkartea edo Trinkete Antitxokoa agertu izana", azaldu du Plazak. Onartu du, "paradoxikoa" ere badela: "Hotsandiko kultur proiektuak ez dira bidea, baina, politika horiengatik ez balitz, ez ziren sortuko horrekin apurtu nahi eta Astra bezalako proiektuak ekarri dituzten dinamikak".
Okupatutako eraikina ala zerbait gehiago?
Proiektua ez da ohikoa, eta eraikina lortzeko hartutako bidea ere ez. Gaztetxearen "estereotipotik" aldentzen da, baina zerk egiten du berezi? Plazak dio une hartan zegoen jokalekurako estrategia garatu zutela, irabazteko zer egin zitekeen aztertu eta aurrera eraman: "Askotan inertziaz gauzak errepikatu egiten ditugu okupazioetan ere. Astraren kasuan, errepikatu beharrean sortu egin dugu". Dinamika horretan, azpimarratzekoa izan zen Astra berreskuratzeko borroka jabetza publiko eta pribatuaren arteko parametroetan planteatzea.
"Eraikina desagertzeko zorian zegoen eraikuntza enpresa batek erosi zuelako, eta berreskuratzeko bide bakarra erabilera publikoa sustatzea zen". Behin hori lortuta, bakoitzak bere beharrizanak planteatu zituen: gaztetxea, lokalak entseatzeko, elkarte bezala kultura garatzeko lokalak… "Hori guztia aztertuta hutsetik abiatu ginen".
Komunikazioa ere Astraren adierazgarri izan da, bereziki herriaren babesa lortu eta proiektua legitimatzeko. "Astraren erresistentzia modurik eraginkorrena komunikazioa bera izan zen", azaldu du Lopezek. Bere esanetan, beti saiatu dira komunikazioa hurbila izan dadin. Esanez baino ekintzen bidez transmititzeari garrantzia emanez, eta herritarrak proiektuaren parte bihurtuz: "Hasieratik argi utzi du Astrak ez dagoela 'zuek' eta 'gu' bat herritarrekin. Ez dago Astrako kideen identitate bat".
Haatik, erraz ulertzeko moduko diskurtso horrek ez du eragotzi proiektua izendatzerako orduan zalantzak izatea. Kultur fabrika da gehien entzun dena, hedabideetan bereziki. Plazaren esanetan ez da gustukoen duen Astraren abizena: "Gure burua hurbilago ikusten dugu edozein gaztetxetatik kultur fabrika baten eredutik baino, baina norbaitek gustuko badu, aurrera, ez dugu bere aurka egingo". Eraikina lortzeko moduari, erakundeekiko harremanari eta komunikatuetan gaztetxe ez deitu izanari egotzi dio nahasmena. "Astrak duen gauza aberatsena da bakoitzak nahi duen bezala definitzen duela. Akatsa izan baino, aberastasun bezala ikusten dugu".
Gernikara begira "abizenik" ez duela behar diote, baina onartzen dute kanpora begira Astra zer den azaltzea zaila dela. Herritarrek bereganatzeko espazioa da Astra , haien hitzetan, eta bakoitzak bere erara definitu behar duela. Zentzu horretan, ez dute uste Astrak ezer aldatu duenik okupazio mugimenduan: "Erabat bere bidea egin duelako da den modukoa, ez da ez hobea, ezta txarragoa ere". Pertzepzio kontua dela diote, eta okupazioaren bidez sortzen diren espazio autogestionatuen inguruko ideia oso zurruna dagoela.
Kanpotik zabaldutako "esterotipoak" direla uste du Lopezek: "Okupazioa 1980ko hamarkadako gaztetxearen irudiarekin erlazionatzen da, eta hala ere ziur nago garai hartan ere oso gaztetxe dibertsoak bazirela". Plazaren ustez arrazoi ezberdinak daude okupatzeko eta horregatik ez du merezi katalogatzen aritzeak: "Okupazioa prozesu subjektibo eta konplexua da". Desberdintasunak tarteko, argi dute gaztetxe bakoitzak bere ildoak dituela: "Astraren beste oinarrietako bat da beste espazio autogestionatuek egiten dutena errespetatzea" .
Errespetagarriak, guztien helburua delako tokian tokiko gabezia edo arazo zehatzei erantzuna ematea. Horren haritik, okupazioa tresna baino bide gisa ikusten dute; hasieran gabezia edo arazoa erakustea helburu duen aldarrikapena , eta gero horri alternatiba bilatzeko tresna: "Gauzak eskatu egin daitezke, baina okupatuz gero, eskuratu egiten dituzu".
"Burujabetza sakratua da"
Astrak erakundeekin duen harremanak sortu du proiektuaren inguruko beste uste okerretako bat, Gernikako Udalarekin sinatutako lagapen hitzarmenak eraginda segur aski. Askori, eraikin berriztua ikustean, kosta egiten zaie okupazioaren bidez eta autogestioz kudeatzen dela pentsatzea, baina Plazak argi utzi du, "hitzarmena negoziaketa gogor baten ondorio izan zen". Gaineratu du ohikoa ez bada ere, badirela gaztetxe eta okupazio mugimenduan adibideak.
"Hitzarmena bai, baina autonomia sakratua da". Ezinbesteko baldintza Plazaren esanetan. Horretan berebizikoa da Astrak egunerokoan lortu duen burujabetza. Hala ere Lopezek nabarmendu du hitzarmena negoziatzerako orduan, erabakitakoari eusteak ere autonomia irabaztea ekarri zuela: "Badirudi akordio bat lotzeak zerbaitetan amore ematea dakarrela, eta hori ez zen horrela izan Astraren kasuan. Hasieratik argi genuen gure proposamena parte hartze eta demokrazia zuzenez herritarrak erabakitakoa zela, eta beraz ezin zela aldatu".
Erakundeekin edozein akordio egitearen aldekoak ere ez dira. "Espazio baten lagapenaren atzean ez badago esfortzua, lana eta behetik gorako prozesua, ez du ezertarako balio". Ez dute baliagarritzat ikusten udalak gaztetxe bat ematea. "Gehien jota, udalak espazio publiko batzuk identifikatuta izan ditzake, kasuren batean beharrizanen bat izanez gero lagatzeko. Erakundeen kultur politiken barruan proiektu bezala gaztetxe bat egotea errorea da". Argi dute Astrak ez zuela funtzionatuko behetik gorako proiektua izan ez balitz.
Lopezek ohartarazi du administrazio askok zerbitzuak itxi dituztela Astra bezalako alternatibak daudelako. "Honelako espazio bat izateak ez du ekarri behar erakundeek zerbitzu publikoak murriztea. Gernikan kultur etxea egon behar da".
Transmisioaren erronka
Herri mugimendu, eragile eta erakunde askoren buruhaustea da transmisioa. Pertsonek bultzatutako proiektu ororen erronka saihestezina da Plazarentzat: "Astran iraunkortasunaz mintzo garenean, sostengarritasun pertsonal eta kolektiboaz ari gara. Aurrera segitzeko prozesu berriak, jende berria behar da, bestela daudenak agortu ahal direlako". Okupazioan zuzenean parte hartu izanak ere atxikimendu maila handiagoa ekarri diela iritzi du Lopezek. "Gaur egungo erronka da hamabost urteko pertsonak Astrara erakartzea".
"Transmisioa izan behar da, baina bakoitzak bere erara ekiten segitzeko". Gaur egun belaunaldi berriak badabiltza ere, kudeaketan eta pertenentzian hutsuneak nabaritzen dituzte. Horregatik azaldu dute asanbladan erabaki zutela Astrak antolakuntza ahalik eta arinena izatea, eraikinaren kudeaketak ez zezan lapurtu norbanakoen indar guztia. Energia hori bakoitzaren ekimen eta borroketara bidera zezaten. Horrek ekarri du Astran inork espero ez zuen fenomenoa koordinadorako partaideen ustetan. "Egunero dabiltzan asko ez ditugu ezagutzen, eta hori 16.000 biztanleko herri bateko espazio autogestionatu batentzat ikaragarria da".
Pertenentzia, transmisioa, burujabetza… fenomeno guzti horiek aztertzeke dituzte. Abenduaren 24an urteurrena ospatu ostean, otsailean zehaztuko dituzte etorkizunera begirako erronka eta eginbeharrak. | news |
argia-56cac45e63ff | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/laugarren-industri-iraultzarantz.html | Laugarren industri iraultzarantz? | Juan Mari Arregi | 2016-02-07 00:00:00 | Laugarren industri iraultzarantz?
Oraindik 2007ko finantza eta ekonomi krisi handiaren ondorioak jasaten ari garen arren, jadanik zenbaitzuk hasi dira hitz egiten laugarren industri iraultzaz, Txinako egoerak eta petrolioaren prezio apalek sustaturik. Krisiak milioika enplegu eraman ditu, beste hainbeste lagun pobretu eta gutxi batzuk izugarri aberastu dira. Historian inoiz izan den desberdintasun handiena dago orain: planetako 62 pertsona aberatsenek 3.600 milioi pobreenek adina dute.
Beste industri iraultza bat datorrela egia bada, eta badaude zantzuak norabide horretan, badakigu zein izango diren bere biktimak. Betikoak. Langileria eta herritarrak. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera 2007ko Atzeraldi Handia hasi zenetik 27 milioi lagun gehiago daude lanik gabe, eta langabeziak gorantz segituko du 200 milioira iritsi arte. Davosen esan dute hurrengo bosturtekoan galduko diren zazpi milioi enplegutik bi baino ez direla berreskuratuko; ia beti kalitatez okerragoak izango dira gainera.
Badakigu kapitalismoak ez duela arimarik, eta enpresen diruak ez du nazionalitaterik. Bizirauteko eta kapitala pilatzen segitzeko, sistemak enpresak ixten jarraituko du, beste batzuk deslokalizatu egingo ditu, soldatak jaitsi, enplegua prekarizatu… Euskal Herrian jada ikusten ari gara hainbat zeinu kezkagarri: AHV zenak, egun Arcelor Mittal-en esku dagoen ACB enpresak, urtebetez itxiko du behin-behinean, eta gero behin betiko. Araban, Aernnovak jarraitzen du ehunka lanpostu murrizten. TRW multinazionala ere prest dago Nafarroan ehunka lanpostu desagerrarazteko. Bitartean, herioan daude makina bat enpresa txiki eta azpi-kontratatu. Industri iraultza kapitalistek ekarritako ondorioen zati bat baino ez da hori. | news |
argia-e53c87ea1b5a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/hamarkada-galdua.html | Hamarkada galdua | Mikel Zurbano | 2016-02-07 00:00:00 | Hamarkada galdua
Espainiako Estatuari Europar Batasunak ezarritako ekonomi neurri zorrotzak urrats desberdinetan gauzatzen joan dira. Atzeraldiaren hasieran, "debaluazio konpetitiboaren" aldeko neurriak hartu ziren batez ere. Langabeen igoerarekin batera langileen soldaten jaitsiera bizkorra bilatu zen. Horretarako lan merkatuaren erreforma izan zen giltza. Euroaren barnean egonik txanponaren debaluaziorik ezean, lan kostuen beherakada omen zen lehiakortasuna hobetzeko bide bakarra. Lanaren galerak eta soldaten mozketek zerga sarreren zein gizarte kotizazioen beherakada nabarmena ekarri zuten. Jaitsiera horiek berehalako eragina izan zuten diru bilketa publikoaren beherakadan.
Bigarren urratsa gastu publikoaren murrizketa izan zen, batez ere gastu sozialarena. Madrilgo zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuen finantza baliabideak gutxitu izanaren logika erabilita hezkuntzan, osasunean eta bestelako zerbitzu zein prestakuntza sozialetan murrizketa indartsuak eman dira. Orain badakigu adibidez, pentsio fondoen zuloa –Estatuan 16.500 milioi euro– soldaten murrizketak eragindako kotizazio sozialen igoera xumeak izan direla.
Desberdintasun sozial eta ekonomikoen igoerak itxuratzen duen aldia dator orain. Oxfam erakundeak (Gobernuz Kanpoko Erakundearen federazioa) duela bi aste aurkeztutako txostenak argi erakusten du: Zipreren ondoren Espainiako Estatuan eman da 2007az geroztik EBko herrialdeen arteko errenta banaketaren arloko desberdintasunen igoerarik handiena. Ondorioz, Espainiako herritarren %30 pobrezia edota bazterketa sozialaren arriskuan dago. Aldiz, Ibex35 delakoan kotizatzen duten enpresek aurreko urteko lehen bederatzi hilabeteetan beren irabaziak %22 igotzea lortu zuten. Langabeziaren tamaina (%21,2) eta sortzen ari den kalitate eskaseko lan prekarioa kontuan hartuta kohesio soziala are gehiago pitza daiteke etorkizunean.
Azken urteko BPGren %3ko igoera eta Gizarte Segurantzaren milioi erdiko afiliazio gehigarria datu makroekonomiko positiboak dira aspaldiko partez. Baina Espainiako ekonomiak oraintxe dituen arazo larriak ikusita, zazpi urteko atzeraldiak ez duela etenik izango erakusten du. Hasteko, zor publikoa oso indartsu igo da azken urtetan BPGren %100 izateraino. Are gehiago, bankuek jasotako diru publikoa barnean sartuz gero, zor publikoa BPGren %132 da. Iazko defizit publikoa %4,5 izan zen, Europako Batzordeak ezarritako mugatik gora hiru hamarrenetan. Eta kanpo zorra ere erraldoia du Espainiako ekonomiak. Orotara, Espaniako Estatua munduko zortzigarren herrialdea da zor osoari erreparatuta.
Azken zortzi urtetan Bruselak ezarritako defizitaren helburua ez du bete ahal izan Espainiako Gobernuak eta zaila du datorren gobernuak ere –edozein kolore duela– 2016rako ezarritako BPGren %2,8ko muga betetzea. Helburu hori betetzekotan 9.000 milioi euroko murrizketa gehigarria beharko da (urtebetean azpiegiturarako erabili ohi den kopurua). Murrizketak sakontzera jo beharko du gobernu berriak, beraz.
Austeritate aldi luzearen ondoren gastu soziala igotzeko grina handitu da, azken hauteskunde kanpainan ikusi dugun moduan. Baina zaila du gobernu berriak horiei erantzun egokia ematen, Bruselarekin tentsioa igotzeko aukerak handiak diren neurrian. Batzordearen atea jo beharko du gobernu berriak malgutasun eske. Defizit publikoaren helburua bete ahal izateko epea luzatzea eskatzea da normalena. Baina europar batzordekide batzuek (Pierre Moscovici sozialdemokratak barne) neurri zorrotzagoak nahi dituzte, gobernu berriak doikuntza neurri gehigarriak aurkeztea nahi dute eta ez dute defizita betetzeko epea luzatu nahi. Zazpi urte galduak ez dira aski izan nonbait. | news |
argia-5de553653fdf | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/hiru-herrialde-lau-bertso-eskola-eta-aitzakiarik-ez.html | Hiru herrialde, lau bertso-eskola eta aitzakiarik ez | Eneritz Artetxe | 2016-02-07 00:00:00 | Hiru herrialde, lau bertso-eskola eta aitzakiarik ez
Azaroaren 14an abian jarri zen Bertsotruk ekimena aitzakia bat baino ez da. Norbere herritik ateratzeko aitzakia, kanturako aitzakia, jolaserako aitzakia, harremanetarako aitzakia, poteorako aitzakia, mahai buelta baterako aitzakia… errealitate desberdinak ezagutzeko aitzakia.
Gu ere aitzakia horren baitan abiatu ginen larunbat goizez gure herrietatik, non eta Barakaldoko "puntan" kantatzeko, bertsoarekin jolasteko, astero bertso-eskolan gu bezala biltzen den jendea ezagutzeko, trago batzuk hartzeko eta neguko lehen hotzetan izoztuta utziko gintuen plater bero-beroa dastatzeko.
Senpereko bertso-eskolatik abiatu zen Gipuzkoa erdian Erniarraizko kideak jaso eta Enkarterrirainoko bidaia egingo zuen trena, eta badirudi Busturialdean geldialdirik egin gabe ezin zela pasa. Euskal Herriko punta batetik bestera beraz, hiru herrialde, lau bertso-eskola, lau errealitate, hogeita hamar lagun eta aitzakiarik ez.
Desafio baten izenburupean baina lagunartean bertsotruk joan ziren potoak, hankaluzeak, hankamotzak, sei edo zazpi puntuko habanerak zortzira iritsi ezinik… ez baikara sekula lehen hitzetan abilak izan. Bertsoez gain ordea, "egun on" lotsati batetik hasi, konpromisozko "hau da hotza dagoena"-rekin jarraitu eta "hurrengoaren zain geratzen gara" irribarretsu bateraino trukatu ziren izenak, hari bolak, zuritoak, patatak, plastikozko koilarak, panderoak, beldurrak, aurreiritziak ("Barakaldon euskararik egingo al dute ba!", "Azkoitian eta Azpeitian bertsotan egiten ez duenik ba ote dago?", "Iparraldekoak…iparraldekoak dira!") … eta trukatu genituen txaloak, algarak eta konplizitate begiradak ere, dena nola ez adin eta belaunaldi ezberdinetako bertsozaleen artean.
Bestelakoak izan ziren elkargune hartatik norbere etxeko puntaraino eginiko itzulera bidaian genituen burutazio eta hausnarketak. Ikusi zen Senpereko bertso-eskolan zer irakatsia badutela, baita urteetan bertsolarien sehaska izan den bailaran entzule izan nahi dutenak ere badaudela. Enkarterriko bertso-eskolak berriz dotore erakutsi zigun lau urtez behineko BEC-etik haratago euskaratik eta euskaraz bizi nahi duen Barakaldo bat badagoela eta bertsoa horretarako tresna bat gehiago dela. Badugu elkarrengandik zer ikasia, norbere bizipenetatik eta besteen bizipenen truke, topaketa bakoitza festa bihurtuz.
Beraz, esango nuke larunbateko zitan bost gradutan mingainak erre zizkigun patata platerkada baino zerbait gehiago sukaldatu genuela Barakaldoko kaleetan zein gaztetxe atarian, eta hau hasi baino ez da egin. Martxan da Euskal Herri osoko txoko txikienak ere zeharkatuko dituen Bertsotruk-a, bertsolari, bertsozale eta hurbil dabilen edonor xaxatuko duena. Gu zalantzarik gabe hurrengo topaketaren zain geratzen gara. | news |
argia-0fe8754f4512 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/independentzia-buduaren-eskutik.html | Independentzia buduaren eskutik | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2016-02-07 00:00:00 | Independentzia buduaren eskutik
Bois-Caiman (Haiti), 1791ko abuztuaren 14a. Hainbat esklabo bildu ziren budu zeremonia batean, Dutty Boukman houngan edo apaiza buru zutela. Animalia bat sakrifikatu eta juramentu bat egin omen zuten, eta Boukmanek frantziar zapaltzaileen aurka altxatzeko deia egin zien, mugimenduko buruzagiak izendatu ondoren.
Handik astebetera, abuztuaren 21eko gauean, Saint-Domingueko esklaboak matxinatu ziren –frantziar koloniak hala zuen izena– eta Haitiko Iraultza hasi zen.
Bois-Caiman erreboltaren katalizatzailetzat jotzen den arren, frogarik ezak eta testigantza urri lausoek askotariko bertsioetarako bidea zabaldu dute. David Geggus Floridako Unibertsitateko historialarik dio, esaterako, kaimanen basoan ez zela bilera bakarra egin. Lehenik, 200 bat laguneko zeremonia egin omen zuten, nagusiki erlijiosoa. Eta handik bizpahiru egunera bilera klandestinoago bat egin omen zuten Boukmanek eta iraultzako buruzagi izango zirenek, altxamendua planifikatzeko.
Hainbat historialari haitiarrek zalantzan jarri dute Bois-Caiman gertatu zenik ere. Zehazki, Léon-François Hoffmannek 1991n esan zuen Antoine Dalmas plantazioetako mediku frantziarrak asmatu zuela istorioa, esklaboak eta haien sinesmenak gutxiesteko asmoz.
Mito ala errealitate, Markel Thylefors ikerlari suediarraren arabera, "Bois-Caimaneko gertakaria haitiarren identitate nazionalaren parte garrantzitsua da, Haitiren genesiari berari lotuta baitago".
Haitikoa esklaboen matxinadarik nabarmenena izan zen Espartakoren garaitik. Gainera, Antzinako Erromako altxamenduan ez bezala, Haitin esklaboek irabazi zuten. Iraultzak esklabotzaren instituzioa aldatu zuen, arrazen arteko harremanak berrikustea eragin zuen eta Europar kolonialismoa astindu zuen. Atlantikoko botere oreka birmoldatzea ere ekarri zuen ezinbestean. Etxean, esklaboek beren burua askatu zuten, askatasunari eusteko borroka egin zuten eta, 1804an, Haitiko estatu subiranoa sortu zuten.
Budua norbaiti kalte egiteko panpinei orratzak sartzera mugatu du mendebaldeko begirada miopeak. Karibeko esklabo haientzat askoz gehiago zen. David Geggusen hitzetan, " Bois-Caimanen budua indar bateratzaile eta iraultzaile bihurtu zen". | news |
argia-95f5ac8d826c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/beranduegi.html | Beranduegi | Ane Labaka Mayoz | 2016-02-07 00:00:00 | Beranduegi
1.
Belaunburuak bihurtu zaizkit
familia honen parte
zenbat sehaska kanta, bizipen
nahiz fikziozko pasarte…
Atzo esker hitz izandakoak
bihurtzen dira bihar ke,
sarri askotan zail da hartzea
betebeharrak bitarte
norberarentzat bi tarte…
hautu izan ez diren ardurek
zama handia dakarte;
beti besteak zaintzen jardun naiz
nitaz ahaztu naizen arte.
2.
Amona batek ingurukoei
zor die mila maitasun
doako lana denak ordea
ez du nahiko duintasun.
Sukalde baten kabitzen bada
horrenbeste goxotasun,
pazientzi eta ume txikien
negar sarkorren oihartzun…
"Besteok lagun gaitzazun,
jakin nahi nuke astirik eta
indarrik ba al daukazun…"
galdera egin ez diotenak
ezin du ezetz erantzun.
3.
Nahiz maitasuna uler lezaken
bakoitzak mila eratan
ezkondu eta mende erdia
gero elkarri zelatan
haserraldiak ugari eta
besarkadak horren bakan
behin estimatzen jakin gabea
sumatzen dut orain faltan,
gu bion arteko talkan
mila zatitxo erditu dira
bizitzen azken etapan;
lehen elkarrekin lokartzen ginen
gaur egun ohe banatan.
4 .
Mesanotxeko argazki zaharrak
ditu izkina horiak,
gu ere berdin horitu gaitu
denboraren memoriak
gure oheek gau ilunean
dirudite hilobiak,
non galdu dira garai bateko
izarapeko gloriak?
Errutinan eroriak
nire desio ezkutuenak
lapurtu dizkit Ongiak
mihiak kontatu ezin zuena
gordetzen du klitoriak.
5.
Bizitzan zehar irentsia dut
jakinmin adina listu
neukana eta zegokidana
onena zela sinistu.
Nintzena eta nahi nukeena
ezin nituen bereiztu
ametsen forma hartu ohi zuten
horma arteko zirriztu
guztiak ziren murriztu
nahiz ta tarteka berriz zerotik
hasteko gogoa piztu
nire beldurrek bihurtu dute
tentazioa arrisku.
6.
Arrisku gisa ikusi ditut
hanka sartzeko aukerak
nahigabe hartuz besteek nitaz
esperotako jarrerak.
Hirurogeita hamar urteko
emakume hain onberak
ondokoei so ahaztu baitu
berez zer nahi zuen berak…
Urteen bilakaerak
nire barruan zabaldu ditu
borrokarako trintxerak
orain artean inoiz egiten
ausartu ez naizen galderak.
7.
Amuen forma sarri gordetzen
da galdera ikurrean;
aldatu nahia orekan eta
esperantza beldurrean.
Etorkizuna ez, iragana
daukat esku ahurrean
zartatu dena baserriko lan
nahiz baratzeko lurrean
guztia ez da urre han…
Nekea daukat tatuatuta
orain azal zimurrean
nire burua ezezagun zait
ispiluaren aurrean.
8.
Ezezaguna ezagutzea
niretzako da zilegi,
lehenik eta behin guztia argi
esango diot Joxeri
ondoren, berriz, mahai inguruan
seme-alabekin eseri:
"Lehertu egin naiz eta banoa,
ezin dut horrela segi,
sufritu baitut gehiegi…"
Maiz aldaketa batek ez dauka
zertan izan amildegi
berandu izan daiteke baina
ea ez den beranduegi. | news |
argia-658611c8731b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/heriotzaren-usaina-salgai.html | Heriotzaren usaina (salgai) | Rosa Maria Martin Sabaris | 2016-02-07 00:00:00 | Heriotzaren usaina (salgai)
Bazen behin errealitatea. Mundua mundu denetik aritu dira gizakiak (bai, bai, gizonezkoak batez ere…) errealitatea zertan den asmatzeko ahaleginetan. Galderak hain zorabio handia eragin zezakeenez, Jaungoikoa jaio zen. Gurasorik gabeko jaungoikoa, errealitateaz arduratutako izaki bizidunei kontsolazio apur bat emateko sortua. Beste batzuek, berriz, erantzuna esperientzian aurkitu nahi izan zuten: azken finean izaki arduragabeek sentsazioetan oinarritzen dute errealitatea. Ikusi, ukitu, usaindu, dastatu, entzun… daitekeena da, ez besterik.
Baina senak –onak zein txarrak– beste zerbait zegoela esan zigun. Amodioa, logura, gosea, bakea, ametsak… Edota dirua. Ai, dirua… Diruaren agerpenak salerosketak errazteko helburua izan zuenean, arduratutako izaki guztiak saltzera eta erostera dedikatu ziren. Amodioa, bakea, ametsak… dena bihurtu zuten salgai, erosgai.
Eta ekinaren ekinez dena salduta eta erosita zegoenean, saltzeko eta erosteko ezer gutxi falta zenean, errealitateari erreparatu zioten.
Mundua mundu zenetik aritu zen nor bere bizitza bizitzen. Bizitza bakarra, heriotza bakarra. Eta gainontzeko guztia, ipuinak, kondairak eta elezaharrak, baina ez errealitatea. Ahoz aho zebiltzan batekoak, eta aretoz areto ikusitako fikzioak. Baina ez egia.
Saltzen eta erosten jarraitu behar zenez, errealitateari azken itzulia ematen ahalegindu dira. "Errealitate areagotua", errealitateak berak informazio nahikoa ematen ez digunean. Edo "alegiazko errealitateak" inguratzen gaituenak asetzen ez bagaitu.
Miarritzen amaitu berri den Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiak Smart FIPA izeneko atalaren barruan narrazio berriak eraikitzeko azken joerak aurkeztu ditu. Orain arteko gako-hitza transmedia bazen, hemendik aurrera dastamena eta usaimena oinarritzat dituzten esperientziak abiatzen hasi dira.
Esperientzia berriak direla diote. Baina, nik papera igurtziz usain goxoa zerieten liburuxkak gogoratzen ditut, duela urte asko geratu ziren zaharkituta. Eta egun usaimen-marketinaren atzean merkatal-guneen edota hotelen hamaikagarren apaingarria baino ez dago.
Gaur teknologiak ahalbidetu duenak Famous Deaths du izena. Muammar al Kadafi, Lady Di, Whitney Houston eta John F. Kennedy hil baino lau minutu lehenago, zer entzun zuten, zer usaindu zuten? Hori da kabina batean sartuta usain-entzuleak bizi dezakeen esperientzia, eros dezakeen bizitza, bizi dezakeen heriotza. Ikerketa historikoari esker (sic), palomiten, larruzko jesarlekuen, koloniaren edo bolbora eta odolaren usainak salgai. Ikaragarria, omen.
Erreala Miarritzen salgai. Usaimena, izaki arduragabeen zentzumena. | news |
argia-71004ae3529d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2494/jon-arretxe-idazlea.html | "Jendeari etorkinenganako errespetu pixka bat sentiarazten badiot, ni pozik" | Reyes Ilintxeta | 2016-02-07 00:00:00 | "Jendeari etorkinenganako errespetu pixka bat sentiarazten badiot, ni pozik"
Entretenimendu hutsetik haratago, mezu soziala ere badute Jon Arretxeren nobela beltzek. Toure, bere pertsonaia, kalean ikusten ditugun afrikarren isla da. Arretxe, idazlea izateaz gain, bidaiazalea, opera kantaria, musikaria eta kirolaria ere bada.
Idazle ezaguna zara, baina musikaria ere bazara. Nola hasi zinen horretan?
Umetan hasi nintzen amak behartuta. Bera oso musikazalea izan zen beti eta oso belarri ona zeukan, baina ezin izan zuen ikasi familia ez zelako diruduna. Argi zeukan seme-alabei musika erakutsiko ziela eta ni sei urterekin behartu ninduen eskoletara joatera. Lehenengo solfeoa, gero akordeoia, pianoa… Beti gogoz kontra. Orain izugarri eskertzen diot hori dena amari. Musika erraz irakurtzeari esker adibidez, orain kantatu ahal dut.
Opera kantaria zara, gainera.
Kantuan gaztetan hasi nintzen eta helduagotan Gasteizen eta Bilbon jarraitu nuen ikasten. Aldi berean, Bilbon, OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkartean abestu izan dut urte askotan, baina Nafarroara bizitzera etorri nintzenean haraino joateak nagikeria ematen zidalako utzi nuen. Iruñean AGAO opera taldea aurkitu nuen, eta azken urteotan hemen nabil. Gainera, bakarlari paperak ematen dizkidate eta oso motibagarria izateaz gain, diru pixka bat ere ematen dit. Don Pasquale egin dugu azken urte honetan. Notarioaren papera egiten dut nik eta umeentzat prestatu dugun bertsioan protagonista naiz.
Zer paper gustatuko litzaizuke egitea?
El rapto en el serralloko Osminen ariak kantatu ditut, baina opera osoa oso gustura egingo nuke edo Simpson pertsonaia La Tabernera del Puerto zarzuelan.
Opera zaletasuna demokratizatzeko zer beharko litzateke?
Orain ez da boladarik onena arterako, oro har, diru faltagatik. Opera oso gauza garestia da. Sarrerak ere garestiak dira izugarrizko muntaiak direlako. Jende pila aritzen da lanean. Hala ere, gauza batzuk egin daitezke, adibidez, obra egokituak prezio baxuagoan. AGAOk halakoak egiten ditu herri askotan eta oso ongi funtzionatzen dute.
Bestalde, musika beti ikasgai maria izan da ikastetxeetan eta ez dugu oso serio hartzen. Osagarritzat dugu, baina oso garrantzitsua da.
Zergatik?
Gauza asko lantzen duzulako: sentimenduak, hunkitzeko gaitasuna… Musika irakasle ona edukitzeak ate asko irekitzen ahal dizkio pertsona bati.
Deustun filologia ikasi zenuen. Bokazioz?
Ia-ia lotsagarria da, baina hori ere amari esker egin nuen. Umetan, badirudi oso azkarra nintzela eta beti urtebete aurreratuta ibili nintzen karrera amaitu arte. 17 urte bete berritan hasi nintzen unibertsitatean eta berdin zitzaidan zer ikasi, halako ideia garbirik ez nuelako. Amak, orduan, Deustuko Unibertsitatean Euskal filologia izeneko karrera zegoela ikusi zuen, eta oso euskaltzalea nintzelako hori egitea proposatu zidan. Horrela sartu nintzen, kasualitatez.
Tesia Basauriko euskarari buruz egin zenuen. Zer aztertu zenuen zehazki?
Aitita-amamak Basaurikoak eta euskaldun zaharrak izan arren, gurasoek galdu zuten euskara. Pérez aitita kanpotik etorritako familia batekoa zen, baina Basaurin jaioa eta euskara ikasi zuen. Euskaldun zaharra zen hura ere. Gerra osteko garaia izan zen gogorrena. Basauri betiko euskararen azkeneko mugan dago. Oso gogorra zen euskalduna izatea, eta gerra ostean jende askok utzi zion euskaraz hitz egiteari. Hori ikertu nuen nire tesian. Ondo zekitenak gerra aurretik jaiotakoak ziren, etxean ikasitakoak.
Zuk nola ikasi zenuen?
Gure etxean anaia eta biok berreskuratu dugu euskara. Nik neure aldetik, autodidakta. Gure familian oraindik batzuk euskaldunak ziren. Aitaren anaia batek, adibidez, herri euskaldun batetik etorritako emakume batekin ezkondu eta euskara berreskuratu zuen. Senide batzuekin eta nire atarian bizi ziren euskaldunekin aritzen nintzen. Gainera, gure ikastetxean bazegoen Euskara ikasgaia. Guraso kooperatiba zen eta haiek erabaki zuten euskara irakatsi behar zela ikasgai bezala, gutxienez. Horrela, neure aldetik ikasi nuen eta ondoren euskaltegira joan nintzen titulua ateratzera, D titulua, orain EGA dena.
Basaurin euskaldun zaharrik gelditzen da oraindik?
Etxez etxe, baserriz baserri ibili nintzen galdezka eta ikusi nuen zenbait familiatan mantendu dela "sugetian", haiek esaten duten bezala, sukaldean. Gertatzen dena da oraingo gaztetxoek ez dutela bizkaiera egiten, batua edo nahasketa baizik. Basauriko euskara joan da.
Pena ematen dizu?
Apur bat bai. Euskalkien aniztasuna beti oso polita iruditu zait, baina ez da batere praktikoa. Batua behar dugu eta ez dago beste irtenbiderik. Hori bai, jendeari sartu zaio buruan ia-ia gipuzkera baino ez dela batua eta hori ez da horrela. Lexiko dena da batua. Idazleok, kazetariek, irakasleek… galdu baino lehen lexiko hori erabili behar dugu, jendeak ikas dezan. Gure esku dago.
Ondoren Gorputz Hezkuntza ikasi zenuen.
Hori bai, hori nahita ikasi nuen. Deustun bertan karrera egin bitartean hasi nintzen euskara eskolak ematen eta 21 urterekin, Filologia amaituta, lanean jarraitu nuen. Bazirudien nire bizitza jada bideratuta zegoela eta orduan pentsatu nuen goizegi zela nire estudiante bizitza bukatzeko. Gainera, bidaiatu egin nahi nuen. Beraz, lana utzi nuen, eta gurasoak kasik akabatu nituen. Haiek gosea pasatutakoak ziren, aita batez ere, eta ezin zuten ulertu nola uzten ahal nuen lan finko eta on bat bidaiak egiteko.
Lau urte pasata Gasteizen Gorputz Hezkuntza izeneko karrera zegoela jakin nuen eta hara joan nintzen, 25 urterekin, berriz ikastera. Amaitutakoan, plaza batzuk atera ziren unibertsitatean Gorputz Hezkuntza irakasteko eta horretan aritu nintzen hiru urtez, nekatu arte. Ito egiten nintzen unibertsitate barruan zegoen mafia guztiarekin. Azal lodiko jende asko zegoen, goranahi asko eta gainera ezin nituen bidaiak egin nik nahi nuenean. Beraz, lana utzi eta berriro gurasoak asaldatuta, ea zoratuta ote nintzen.
Ordurako hasi nintzen gauzak idazten eta nire liburuak gero eta gehiago saltzen zirela ikusita, pentsatu nuen ea bizi ote nintekeen idaztetik bakarrik. Egin nuen apustu eta pozik nago.
Bizikleta zalea eta Gorputz Hezkuntzako irakaslea, kirolzalea zalantzarik gabe.
Bai. Ia 25 urte eman ditut triatloia egiten eta lehiatzen. Horregatik bizikletaz eginiko bidaiak ez ziren oso gogorrak niretzat. Ondo entrenatua nengoen.
Bidaiatzea, zure pasioa?
Hala izan da oraintsu arte. Hori ere kasualitatez izan zen, nire bizitzan gauza gehienak bezala. Patuak erabaki du beti nire partez. 18 urterekin gurasoekin bizi nintzen eta irabazitako diruarekin bidaiak egiten hasi nintzen. Hamar urtez, bidaia laburrak egin nituen, eta ondoren, beste hamar urtez bidaia luzeak egiteari ekin nion liburuak idazteko helburuarekin. Bizpahiru hilabeteko ateraldiak ziren, ni bakarrik, eta bizikletarekin. Beharra zen niretzat. Oso gustura bizi nintzen Euskal Herrian eta hura ez zen ihes egiteko beharra, bidaiari askori gertatzen zaien bezala. Ez zen nire kasua.
Besteengandik oso desberdinak gara euskaldunok?
Ez. Orokorrean euskaldunok europarrak gara. Antzeko helburu eta baloreak ditugu. Ni gehienbat hirugarren mundua deitzen dugun horretan ibili naiz. Hor lehentasuna da mementoa bizitzea eta bizirik irautea. Saiatu naiz nire bizitzan hori bera aplikatzen, mementoaz gozatu eta gero gerokoa. Aita enpresa batean hasi zen lanean 14 urterekin eta enpresa berberean pasatu zituen 50 urte. Erretiratzeko zegoenean minbiziak harrapatu eta hil egin zen. Argi neukan ez nuela hori bera niri gertatzerik nahi. Bidaietan hori ikasten da: bizitzaz gozatzen eta unea bizitzen etorkizunaz gehiegi pentsatu gabe.
Eta besteengandik zer ikasi duzu?
Pixka bat afrikar egin naiz gauza batzuetan. Abegi ona adibidez. Asko gustatzen zait jendea etxera etortzea. Afrikan ez zaituzte inoiz uzten hor botata. Beti irekitzen dizkizute etxeko ateak eta ez zer edo zer ateratzeko, batzuek uste duten bezala. Gauza bat da leku turistikoetan gertatzen dena eta oso bestelakoa gainerako lekuetan. Jende xumea oso abegikorra eta solidarioa da.
Eta orain?
Orain familia daukat, emaztea eta 9 urteko semea eta kontsekuente izan behar da. Azken urte hauetan toki bat aukeratzen dut idazteko inspirazio moduan eta hara joaten naiz egun batzuk pasatzera. Izugarrizko pagotxa da nire familia. Ezin naiz kexatu.
Toure-ren sagako lau liburuak zuk hiriko ipurtzuloa edo giza zabortegia deitzen duzun Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu dituzu. Zergatik?
Hori bezalakorik ez dagoelako Euskal Herri osoan. Auzo hori Afrika txikia da. Han atzerrian bezala zaude. Nobela beltz bat edozein tokitan koka daiteke, baina nireetan gai soziala, bazterkeria eta etorkin jendearen bizimodua oso osagai garrantzitsuak dira.
Lau urte daramat San Frantzisko kaleko 43. zenbakian boladaka lanean. Bigarren solairuan eskuman idatzi nuen "19 kamera" eta pisu hori alokatu zutenean bigarren ezkerrekora pasa nintzen. Lagun asko ditut auzoan, baita SOS Arrazakerian eta hiesaren aurkako talde batean ere. Sekulako dokumentazio iturriak dira. Han gamelu ohiak, prostituta ohiak, jonki ohiak daude jendeari laguntzen. Kalean ikusten denarekin, nobelak erdi idatzita dauzkat. Halere, ihesaldi batzuk egiten ditut. Duela gutxi Etiopian izan naiz eta hurrengo liburua atzerrian kokatu behar dut, atzerrira joan ahal izateko.
Nola bizi dira etorkinak hemen?
Orain arte bizimodu gogorra izan dute, baina krisia hasi arte laguntza sozialekin edo lantxo batzuekin beti ateratzen zuten zer edo zer. Ez zuten presio handirik jasaten, denok nahiko ondo bizi ginelako. Orain, aldiz, desberdina da eta gainera jihadismoa kristoren putakeria izan da haientzat. Gehienak kokoteraino daude.
Nola ikusten gaituzte?
Esaten dute euskaldunok ez garela hain txarrak. Beste toki batzuetan kabroiagoak direla. Hemen orokorrean, uste dut, elkartasun gehiago dagoela, mugimendu sozial eta elkarte asko. Errespetu pixka bat gehiago agian, baina pixka bat, besterik ez. Oraingo egoera ez da batere ona.
Estolda jolasak sagaren laugarren liburukia atera berritan, bosgarrena bidean dator?
Bai. Nire Toure etorkin askoren nahasketa da. Oso pozik nago pertsonaia honekin, zelako harrera eduki duen, irakurleekin dagoen feedbacka… Jendeak estimatzen du Toure eta nik ere bai.
Askok esan didate orain beltz bat kalean gurutzatzen duten bakoitzean, beste era batera begiratzen diotela. Horrek ilusioa egiten dit. Jendeari etorkinengan pentsarazi eta errespetu pixka bat sentiarazten badiot, ni pozik.
Irakurle gazteentzat ere idatzi duzu.
Oso gutxi, gertatzen dena da badirudiela nire liburu batzuk egokiak direla gazteentzat, eta zortea izan dut, batzuk hezkuntzako zirkuituetan sartu dira. Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak halako trilogia ganberroa da eta ez da gazte literatura, ikuspuntu hezitzaile batetik ez direlako batere eredugarriak, baina ez dakit zergatik, izugarri gustatzen zaizkie. Niretzat oso ondo, zenbat eta gehiago saldu, orduan eta gehiago irabazten dudalako. Orain oso pozik nago Toureren liburuak ere hasi direlako sartzen zirkuitu horretan eta niretzat oso garrantzitsua da nerabeek errealitate hori ezagutzea. Gero eta nabariagoa da errealitate hori herri guztietan eta ikastetxeetan lantzea oso gauza ona da.
Nolakoa da idazlearen egunerokoa?
Nik ez ditut bi egun berdinak eta hori gauza ederra da benetan. Gozamen hutsa da. Ez daukat errutinarik. Errutinak, nire ustez, gauzak egiteko grina itzaltzen du. Idazten ari naizenean egun osoa horretan aritzea gustatzen zait, horregatik boladaka etxetik kanpora joaten naiz. Idazlea naiz 24 ordutan, baita lotan ere. Lagunekin pote batzuk hartzera atera eta jende artean ideiak hartzen ditut. Bestalde, zure liburuak ezagutzera emateko mugitu behar duzu. Batzuetan nekagarria den arren, ni oso gustura nabil. Orain Espainian ari naiz lantzen. Lehen soilik euskaraz idazten nuen, orain dena itzultzen da gaztelaniara eta Madril, Cuenca, Gijón edo Getafera, adibidez, joaten naiz nire lanaz hitz egitera. | news |
argia-f1c8f87113e6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/ibilbide-irmo-eta-emankor-baten-lagina-gau-bakarrean.html | Ibilbide irmo eta emankor baten lagina, gau bakarrean | ARGIA | 2015-09-13 00:00:00 | Ibilbide irmo eta emankor baten lagina, gau bakarrean
Hutsartea
Estricalla
Stop Control Antirecords, 2015
Euskal Herrian sortutako Estricalla eskola zaharrekoa da zentzu askotan, nahiz eta taldea gazte samarra den: beraien lehen diskoa 2010ekoa da. Ez ditugu beraien biografia eta ibilbidea orain hemen zabal errepasatuko Argiako hemerotekan aurretikako lanen iruzkinak aurkituko dituzuelako.
Eskola zaharrekoa dela esatean lehenik eta behin burura etortzen zaigu 80ko hamarkadan eztanda egin zuen punk-hardcorea, doinuetan, jarreran eta egiteko moduan. Eta horiek guztiak ditu Estricallak. Bere kabuz, Stop Control Antirecords zigilu propioarekin eta lan andana eginez barrenak hustu, errebeldia egiazkoa zabaldu eta mimoz erditutako lanak kaleratzen dihardu. Hala, El Corazón del Sapo-ren garai urrunetatik orain arte egindako ibilbideak bere fruituak jasotzen ditu egunez egun hurrengo pausoak elikatuz. Eta badira, gainera, ibilbide horretan are eta esangura handiagoa duten urratsak, bidezidorrean pilatutako lagunek handiagoak egiten dituztenak. Horra hor, esaterako, Dead Kennedys taldeko sortzailea izateaz gain, oraindik ere asaldatzaile hutsa den Jello Biafrarekin batera lan egin izana.
Modu berean, honako lan hau, irudi indartsuz osatutako liburuxka mardula, singlea eta bibliografia oparoa eskaintzen duen Hutsartea, eguneroko ahalegin sutsu eta egiazkoarekin pilatutako lagunen beste topaketa berezia da. Aspaldidanik miretsitako SNFU taldearekin Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean –etxean– agertokia partekatzeko aukera suertatu zenean, sute txiki horren beste gar bat piztu zen. Halako gau majiko bat! Gainera, talde kanadarreko Mr. Chi Pigek idatzitako hitz bat Estricallarekin abestu eta grabatu zuten, lan honetan entzungai duzuena.
Aspaldiko lagun berezien topaketarekin bat, Ikor Kotx argazkilari zakur-zaharra Zarauzko gau horren lekuko izan zen, eta bere presentziak –eta lanak– egiten gaitu han batutako amorruz, indarrez, elkartasunez, lagunez eta sentimenduz blaitu. Argazki-sentsazioz jositako liburuxka mardula dakar aipagarri dugun disko txiki-handiak. Bere begiradaren filtropean protagonista bihurtzen gaitu Estricalla, SNFU, Arrautz Ustelak eta han bildutako guztiak.
Eta diskoaren lorratzen artean lau deiadar, lau ostikada, lau erditze: Ice speed biharko esperantzari uko egin eta RKLren tankerako zapatilla-hardcore-gitarreroarekin; ilunagoa eta oso instrumentala den laino arteko Skeleton; SNFUko Mr. Chi Pigek abestutako Kurling kalekume destroyerra; eta Ejea de Los Caballeroseko heavy iragana lotsagabeki punk-hardcore gitarreroenearekin ezkontzen duen Bosleigh, hain zuzen ere.
Erraietako punk-hardcore asaldatzailearen zaletuontzat arnasa da Estricalla. Eta koordenada horietatik kanpo daudenentzat berriz, lan egiteko eta borroka egiteko eredu bat, diziplina betea eta egiazkoa; tontakeriarik gabe. | news |
argia-6f1fd8967f48 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/hautagaitza-bateratu-baten-alde.html | Hautagaitza bateratu baten alde | Jon Alonso | 2015-09-13 00:00:00 | Hautagaitza bateratu baten alde
Hauteskunde orokorrak daude horizontean, eta badirudi aski bereziak izango direla, besteetan ez bezalakoak. Batzuek "bigarren trantsizioaz" hitz egin izan dute, azken urte hauetan bizi dugun giro politikoa definitzeko. Izendapena gehiegizkoa da, beharbada; hala ere aitortu behar da badagoela zerbait horretatik, "meloia ireki" beharko dela uste duelako askok. Hitz korrektoagoekin esateko: gehiegi da prozesu konstituziogile bati buruz mintzatzea, baina denek dakite oso litekeena dela 1978ko konstituzioa ukitu, aldatu, erreformatu behar izatea. Arrazoi bat baino gehiagoarengatik, baina, batez ere, gertatzen dena gertatzen dela, ezer ez delako berdina izango irailaren 27tik aurrera.
Hori horrela, bakoitza bere estrategia prestatzen ari da, orain hartzen diren hautuak epe ertain-luzean indarrean egongo direla jakinik. Zeri esaten zaion ertain-luzea, politikan, eta gauzak gero eta agudoago gertatzen ahal direla jakinik; baina, konparazio baterako, 78koak 37 urterako eman du.
Hala, PP-UPNk laugarren iragankorra kenduko dutela diote, eta zentralismoa areagotzeko beste neurri batzuk hartu. PSOEk federalismo hitza erreskatatu du, itxura batean guardasolaren gisa erabiltzeko, eta EAJk, ohi legez, denetarik esaten du, nork non: oraingoan Ortuzarri egokitu zaio bertsio abertzalea zabaltzea, erabakitzeko eskubidearen alde eta beste; Urkulluk, aldiz, bertsio "errealista-pragmatikoa": estatutuaren erreforma, beti ere PSOEri zeharka begiratuz, zer gerta ere.
Inkognita asko dago airean, eta denak zuhur dabiltza, hauteskundeetan zer gertatuko zain. Gauzak horrela, zer espero dezakegu egiazko aldaketaren eta erabakitzeko eskubidearen aldekook?
Trantsizio garaian haustura demokratikoa deitzen genuen haren alde geundenok, beste aukera bat eduki genezake, hausturarik gabeko trantsizioa iruzur bat izan dela konturatu diren belaunaldi gazteagoekin bat eginda. Hiru ardatz argi hauen inguruan bat eginik: erabakitzeko eskubidea (hasteko, noiz erabakiko dugu zerbait gure estatusari buruz inoiz ezer erabaki ez dugun nafarrok?), politika ekonomiko neoliberal, austerizida eta desberdintasun-eragilearen aurka, eta bizikidetza baketsuaren eta biktimen erreparazio justuaren alde.
Orain ez dute balio trantsizioaren aitzakiek (indar korrelazioa, armada, indarkeria...).
Bakarka joanda emaitza hobeak espero dituenak azaldu dezala zer aritmetika baliatzen duen, zertarako nahi dituen emaitzok, norekin bat egiteko asmoa duen, zer helbururekin. | news |
argia-e08e19ac7dfb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/ekonomiaren-talaian.html | Pentsio miserableak | Juan Mari Arregi | 2015-09-13 00:00:00 | Pentsio miserableak
Espainiako Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak abuztu arteko pentsioen inguruko datuak publikatu ditu. Iturri ofizial horren arabera, Hego Euskal Herriko pentsionistak dira Espainiako Estatuan ordainsari handiena jasotzen dutenak –hilean 1.080 euro, Estatuko batez besteko 888 euroren aldean–, eurak baitira nominatik gehien kotizatzen dutenak. Hemen sartuko lirateke erretiroan daudenei, ezintasun iraunkorra dutenei eta alargun eta umezurtz direnei emandako laguntzak. Erretiroagatik ematen diren laguntzak dira poltsa horretako zati handiena, zehazki %63,5 eta batez beste 1.236 euro hilean.
Estatistika horiek, ordea, beste errealitate bat ezkutatzen dute, hala nola mila eurora iristen ez diren pentsionisten portzentaje altua –kopuru hori hartu ohi da oinarrizko beharrak asetzeko gutxieneko gisa–. Hego Euskal Herrian pentsioa jasotzen duten 660.000 lagunetik 454.064 dira mila euro horietara iristen ez direnak, %68,8 alegia. Hau da, hamar pentsionistatik zazpik mila euro baino gutxiago jasotzen du. Gainera, horietatik 312.163 lagunek (%47,2) 648,6 eurotik behera jasotzen dute; 2015eko lanbide arteko gutxieneko soldatara ez dira iristen beraz. Pentsiodun gehien biltzen dituen diru-sarrera tartea 350 eurotik 600 euro artekoa da, 253.443 pertsonak jasotzen dute tarte horretan dagoen diru kopurua hilero.
Horri gehitu behar diogu urtero handitzen den balioa ez dela %0,25era ere iristen –hilean euro bat edo bi– eta pentsioen etorkizuna ezezaguna zaigula –pentsioen kutxa xahutzen ari dira eta Gizarte Segurantzak defizita bikoiztu du aurten, 4.400 milioi eurora iristeraino–. Gure pentsionistentzako errealitatea odoltsua da. Pobrezia dakarten pentsio miserableak dira. Beharrezkoa da berezko gizarte segurantza baten alde borrokan jarraitzea, aditu askoren ustez halako tresna bat jasangarria bailitzateke Euskal Herrian. Bitartean, euskal erakundeek konpromisoa hartu beharko lukete 1.000 eurora iristen ez diren pentsio baxuenak osatzeko. | news |
argia-59c055e33a66 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/ezkerra-eta-eskuina-bereizi-zituen-i-11.html | Ezkerra eta eskuina bereizi zituen I-11 | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-09-13 00:00:00 | Ezkerra eta eskuina bereizi zituen I-11
Versailles, 1789ko irailaren 11. Batzar Nazional Konstituziogileko ia 1.200 kideak, jauregiko Menus-Plaisirs areto itzelean bilduta, Konstituzioaren artikulu bat eztabaidatzen hasi ziren: parlamentuak onartutako legeei betoa jartzeko eskubidea al zuen erregeak?
Bizpahiru hilabete lehenago, ekainaren 17an, Batzar Nazionala eratu zen eta handik gutxira, uztailaren 9an, legeria berriaren premia ikusita, Batzar Nazional Konstituziogilea. Eta horretantxe ari ziren iraileko egun hartan, konstituzio berriaren edukia zehazten. Gai korapilatsua zen egun hartan egokitutakoa, finean, erregeari eman behar zitzaion boterea baitzegoen jokoan. Batzarreko lehendakaritzaren mahaiaren inguruan batzuk eta besteak iritzia ematen hasi ziren eta taldetxoak osatuz joan ziren. Batzuek ez zuten aldaketa nabarmenik nahi, absolutismoari eutsi nahi zioten. Lehen eta bigarren estatuko ordezkariak ziren gehienbat, kleroa eta noblezia, alegia. Beste batzuek, aldiz, hirugarren estatuko ordezkariak izanik, Luis XVI.aren boterea ahalik eta gehien mugatu nahi zuten, herritarren ordezkarien mesedetan.
Pixkanaka bi iritzi eta bi multzo nabarmendu ziren bilera jendetsu eta zalapartatsuan. Aretoaren eskuinaldean kontserbadoreenak bildu ziren, monarkiarekin bat zetozenak, ordura arte erregeak –eta beraiek– izandako botereari eta pribilegioei eutsi nahi zietenak. Aldiz, ezkerraldera joan ziren aurrerakoienak, monarkia abolitu eta errepublika ezarri nahi zutenak, edo gutxienez koroaren botere absolutua neurri batean edo bestean mugatu nahi zutenak.
Inork ez zien esan zer egin behar zuten edo aretoaren zein alde zegokien. Banaketa ezustean eta naturalki egin zen, gerora izango zuen eragina jakin gabe.
Urrian, gortea Versaillesetik Parisko Tulleries jauregira aldatu zen. Batzar Nazionalak "erregea eta herritarren ordezkariak bereizezinak" zirela erabaki zuen, momentuz behintzat –aurrerago, erregearen gorputza eta burua guztiz bereizgarriak zirela erabakiko zuten–. Horrenbestez, Batzar Nazional Konstituziogilea Parisera aldatu zen. Baina han sortutako eskuinaren eta ezkerraren arteko bereizketa ez da gaurdaino aldatu. | news |
argia-439e183b95f4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/karrikak-sutan.html | Karrikak sutan | Itxaro Borda | 2015-09-13 00:00:00 | Karrikak sutan
Bat baino gehiago ohartu da udaran, laborariek autobideak eta hiri handietako karrika zenbait blokeatu zituztela. Edo pastenarreak eta baratzekariak suprefeturen atarietan barreiatu, ekintzak askotan kontrolik eta neurririk gabeko biolentziaz bukatzen zirela. Arratsetako zortzietako berrietan, Lance Armstrongen zorionak erdietsiz Christopher Froome txirrindulariaren elkarrizketaren aurretik, ikusten ziren FNSEAko arduradunak haserre eta malkotan.
Behi haragiaren prezioen apala salatzen zuten, banatzaile handiek atzerrietatik zitzia are merkeago sartzen dutelako –Argentina ala Zeelanda Berritik honako hegazkin garraio gastuak barne– eta osasuna zaintzeko printzipioaren izenean baldintza sanitarioak gero eta zorrotzagoak direlako Europa zakarrean: ez dira libre nahi dutena, nahi duten bezala egiteko, hau da, herritarrak arraiki pozoitzeko eta hormonaz emokatzeko.
Harrigarriena zera da: nekazari sindikatu ofizialeko afiliatuenganako inpunitatea. Edozein langile taldek edo sasi-hirietako gazte mukizuk laborari horiek eragin kalteen laurdena egin izan bazuten, kartzela eta nazio bilduaren irainak jasanen zituen. | news |
argia-e6f9ab76db3b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/angela-arbulu-bilbao.html | "Nebaren gorpua azaldu izan balitz bakean nintzateke, baina horrela ezer ez" | Miel Anjel Elustondo | 2015-09-13 00:00:00 | "Nebaren gorpua azaldu izan balitz bakean nintzateke, baina horrela ezer ez"
Gerrara joan orduko hil zuten Felix Arbulu Bilbao, 1936ko irailean. Etxean utzi zuen familia. Tartean, Angela, arreba txikia. Haren aipamenak ditu laurogei urte igaro direnean ere. Aipamenak bai, Felixen gorpurik ez bizi guztian. (Angela Arbulu Bilbao elkarrizketa hau egin eta egun batzuetara hil zen).
Angela Arbulu Bilbao…
Horixe dut izena, bai. Laurogeita hemezortzi urte ditut, eta beraz, zeuk esan noiz jaioa naizen, nik kontuak aspaldi galduak ditut eta… Santurtzin jaio nintzen, Balparda auzoan, baserrian. Baserria zen ni jaio nintzenean, behinik behin. Bost neba-arreba izan ginen etxean, hiru neska eta bi mutil, eta gurasoak eta amama, gure aitaren ama: Florentina Eguzkitza. Amama honek euskaraz zekien. Edo gurago baduzu, ez zekien gaztelaniaz, euskaraz baino! Arrazolakoa zen, Elorrio ondokoa, Anbotopekoa, eta han ez zen euskara baino! Santurtzira etorri zenean ikasi zuen apur bat gaztelaniaz. Gure amaren ama ere euskalduna zen, Josefa Landaluze, Gatikakoa. Ez batak ez besteak zekiten gaztelaniaz, eta euskaraz egiten zioten berba elkarri. Gure ama zenak ere bazekien euskaraz, aitak ez ordea, eta guk ere ez genuen ikasi.
Ez zenuten euskaraz ikasi…
Ez. Eskolara joan ginenean galarazita zeukaten. Jakina, bada! Han alferrik zen euskaraz jakitea!. Eskola normal bat zen gurea, ez ikastetxe eta ez kolegio. Ondo tratatzen gintuzten, beste barik. Maistra ere estu samarra zen, zorrotza, eta zuzen ibili beste erremediorik ez zegoen harekin. Berrogeiren bat ume ginen eskola hartan, bi departamendutan banatuta: gela batean, mutilak; bestean, neskak. Aparte. Batean, don Julian zen maisua, Julian Irigoien, Nafarroa partekoa. Bestean, gurean, doña Carmen Casan genuen, Asturias aldekoa. Hamalau urte arte izaten ginen eskolan. Gero, behiak zaintzen hasten ginen.
Olgeta ere izango zen.
Umeak olgetan baino ez du egin gura. Beti olgetan gura. Han ibiltzen ginen kaniketan, diaboloan… Badakizu, gora bota, eta behera datorrenean jaso: bota eta jaso, bota eta jaso, diaboloa. Baina dena ez zen olgeta. Baserrian behiak geneuzkan, eta haiek ere zaindu beharra zegoen. Ni etxeko txikiena izan, ordea, eta ez nuen ezer ere egin beharrik izaten. Beharrean ez, behintzat! Gurasoek bai, biek egiten zuten behar gure etxeko baserrian, behiak zaintzen eta baratzean eta egin behar zen guztietan.
Eta zuk?
Baserrian beharrik egin beharrik ez nuen izan nik hamalau urte arte. Eskola amaitu nuen arte. Ordu arte, errotara joan baino ez nuen egiten nik. Astoa hartuta joaten nintzen errotara, eta nirekin etortzen zen auzoko neska-mutil koadrila. Garia ehotzera errotara joan, etxera ekarri, morokila egin eta taloa jaten genuen. Gure amak irin biak nahastuta egiten zuen taloa, gariarena eta artoarena. Suaren gainean, txapan erreta jaten genuen talo gozoa.
Hamalau urte betetzean amaitzen zen eskola, eta hasten zen mundua.
Baliteke. Nik, hasteko, behiak zaindu behar izan nituen, eta josten ere ikasi nuen. Ahizpa zaharrenak, Trinik, jostun ikasi zuen, eta neska gazteak hartzen zituen etxean, haiei erakusteko. Eta nik ere berton ikasi nuen. Trini, Felix, Bitoria eta laurok ginen. Bosgarrena gaixorik hil zen, zortzi urte zituela.
Felix ere hil zen, gazterik…
Bai. Felix gerrara joan zen eta ez zen itzuli. Mitinetara eta leku guztietara eroaten ninduen Felixek. Ni txikia nintzen, eta ezin nintzen batera eta bestera bakarrik joan. Baina aitak Felix joaten zen toki guztietara joaten uzten zidan. Eta halaxe ibili nintzen Felixekin. Oso abertzalea zen nire neba. Lagun bat ere banuen nik, Tere, eta hura osabarekin joaten zen mitin eta jaietara. Neska biok txikiak ginen, oso txikiak, baina mitinetara eroaten gintuzten, eta bertora gu. Eta mitinean txistua jotzen zutenean, dantza egiten genuen guk, kalean berton txistularien atzetik joan eta ikasita. Orduan ere abertzalerik bazegoen Santurtzin. Mitinetan politika zen, noski. Agirre lehendakaria ere izan zen hemen. Jose Antonio Agirre. Zein den badakizu?
Baldin baita ere!
Haren hiletan ere izan ginen. Beste mitinlari bat bazen, Santurtzi bertokoa. Eta [Telesforo] Monzon, eta beste asko. Mitin guztietara joaten ginen.
Felix gerrara joan eta ez zela itzuli esan diguzu.
Bai. Santurtzin batailoi bat osatu zen, eta lehena izan zen joaten. Baina ez zen itzuli. Goiz batez, haren lagunak etorri zitzaizkigun baserrira. Felixik ez! Abelino Basagoiti, Lorenzo, Tomas… bost edo sei lagun ziren, eta Felix baino ez zen falta han. Felix ez beste guztiak itzuli ziren gerratik. Haiexek esan ziguten Felix hila zela. Elgoibarren. Beti jakin izan dugu han hil zela, Elgoibarko San Migelen, beste barik; toki zehatzik ez. Inoiz ez genuen Santurtzira ekarri ahal izan. Bitartean, gurasoak txarto. Amak oso txarto pasatu zuen tragoa. Aitak, apur bat hobeto eutsi zion. Nik ere txarto, harreman estua neukan-eta nire nebarekin. Toki guztietara eroaten ninduen.
Oraindik orain zer edo zer gehiago jakin duzue.
Elgoibarko San Migelen hil zutela esaten ziguten, han desagertu zela, baina besterik ez dugu jakin duela gutxi arte. Felixen batailoia nire nebaren mezatara etorri zen, gorputza falta zela. Bi ziren hildakoak, bata Felix, Santurtzikoa, eta beste bat Portugaletekoa. Akordatzen naiz Felixen batailoiak Garaizabal eduki zuela izena, Santurtzin Garaizabal izeneko mutil gazte bat hil zutelako. Dantzan ari ziren, neska eta mutil, eta zer izan zen ez badakit ere, sastakadaren bat jaso zuen Garaizabal gazte hark, eta berton hil zen. Eta haren izena jarri zioten Santurtziko batailoi hari. ANVkoa zen mutila.
Felix Elgoibarko San Migelen hil zutela esan diguzu, baina oraintsu arte ez duzue jakin non.
Orain zer edo zer gehiago jakin izan dugu, baina inoiz ez dute haren hezurrik Santurtzira ekarri. Felix ez da azaldu. Nik gustura hartuko nuke Felix Santurtzira ekartzea… [Angelaren seme Joseba Felixek hartu du hitza ondoren, zehaztasunak emanez] Elgoibarko Ziardamendin bada Agote deiturako familia bat, eta hango semeak esanda jakin dugu dakigun apurra. Agote honen aitak berari umetan kontatu zionez, gerra garai hartan herriko alkateak agindu omen zien inguruko baserritarrei han ageri ziren gorpu guztiak lurperatzeko, kiratsa zerielako. Mendi paraje bati ere Kalaberamendi deitzen omen zioten, kaskezurrez beteta zegoelako. Bada, Agote honen aitak hamar lagun non lurperatu zituzten jakin zuen. Haiek lurperatzen lagundu zuelako, inondik ere.
Hamar lagun…
Zulo batean, bat. Bestean, lau. Hirugarrenean, bost. [Jose Maria] Otsoa de Txintxertu gudaria berton izan zen borrokan, zauritu egin zuten eta bazekien gutxi gorabehera non erori ziren gudariak. Zer egin zuen? Halako batean Ziardamendira joan, sei gudariren gorpuak aurkitu, atera eta Derioko hilerrira eroan. Gauza alegala, nahi baduzu, baina egin zuten. Otsoa de Txintxertuk Agote zaharrarekin hitz egin zuen, eta hark esan zion gorpu gehiago ere bazirela han lurperatuta. Hurrena, Aranzadi elkartea lan honi buru-belarri lotu zitzaionean, delako Agote harekin hitz egin zuen Pako Etxeberriak, eta Agote zaharra hil zenean, haren semearekin. Honek ere bazekien non zeuden hiru hilobiak, eta bertara joan ginen.
Han azaldu zen zuen etxeko Felix?
Esango dizut. Batean, miliziano batena omen zen hilobian, kartutxoa besterik ez zen azaldu. Bestean, bost lagun lurperatuta omen zeuden zuloan, ez zen ezer ageri. Pako Etxeberriaren arabera, hainbat aukera zeuden: lekua pinudia zen, eta bazitekeen pinuak gorpuak jan izatea; pinudi bat, esaterako, aterata zegoen, eta birlandatua… Bizpahiru indusketa egin genituen, eta ezer ez. Baliteke bost gorpu haiek hamar metro honantzago edo harantzago egotea, edo hamar metro barrurago, nork daki!
Eta hirugarren hilobian saiatu zinetenean?
Bada, Etxeberriak ez zuen batere esperantzarik. "Zer eginik ez dago!", zioen. Gurekin zen Agoteren semea, eta lurra zulatzen hasi aurretik esan nion: "Bitorio, zu lasai. Oso pozik gaude orain arte egin dugun lanarekin. Zuen aitak eta zuk zeuk egindako lanagatik heldu gara honaino, eta gorpu hauek azaldu, ez azaldu, urte guztiotan ondo baino hobeto zaindu dituzue, eta horixe da inportantea". Eta zulatzen hasi eta halako pinu adar bat, iduriz. Eta Etxeberriak, puntuan: "Femurra!". "Zer ari zara, femurra?", guk, sinesgaitz, baina Etxeberriak, berriz: "Bai, bai, femurra!". Eta zulatzen segi eta lau gorpu! Lau haietatik biren DNA baino ez da lortu ahal izan. Gure ama Angelari DNA lagina hartu zioten, baina ez du inorekin bat egiten. Hortaz, Felixen gorpua izan liteke ezagutu ezin izan den haietako batena, edo bigarren hilobian zeuden bost haietako batena. Edo, areago, Otsoa de Txintxertuk atera zituen sei haietako batena! DNA frogak egin behar, eta zain gaituzu. PNVk Madrilen duen parlamentari Aitor Estebanekin mintzatu ginen, eta baietz, frogak egingo direla agindu zigun. Zain.
Zure neba identifikatu zain, Angela.
Bai. Horretan gaude. Guk familiaren panteoia daukagu Santurtzin, Arbulu Bilbao, eta gure ilusioa da Felix gure panteoira ekartzea. Baina ekartzea lortzen ez badugu, ez dio ardura, urte asko pasatu dira eta. Guk orduan pasatu genuen txarto, Felix gudariekin borrokan gerran hil zela esan zigutenean, haren gorpua jaso ez genuenean. Orain urte asko pasatu dira.
Historia luzea da. 1936an hasi, eta 2015ean horretaz ari gara oraindik.
Bizi osoko historia. Zama bat ere izan da, agertuko den ez den, barrundatu guran beti. Haren gorpua azaldu izan balitz, etxeko panteoian lurperatu izan bagenu, kontua amaituta egongo zen, bakean nintzateke. Baina horrela, ezer ez. | news |
argia-5638b4b4b7ad | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/itzulpengintza.html | Kasu kontrako norabideari: literatur esportazioa hizpide | Danele Sarriugarte Mochales | 2015-09-13 00:00:00 | Kasu kontrako norabideari: literatur esportazioa hizpide
Itzulpenez hitz egitean inportaziora joan izan zaigu inertziaz begirada: beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarri denera, ekartzeko dagoenera, ekarritako horren harrerara. Azkenaldian, ordea, alderantzizko norabideari erreparatzen hasiak dira zenbait, eta euskaratik eramaten denak ere badu muntarik. Maria Colera itzultzailearekin, Elizabete Manterola ikertzailearekin eta Xabier Payarekin (Donostia 2016) jardun dugu gaiaren bueltan.
Azken hamarraldian loratu da, bai behintzat modu antolatuan. 2003an eman zuen euskaratik beste hizkuntzetara itzultzeko lehen diru-laguntza Eusko Jaurlaritzak. 2004an jarri zuen martxan EIZIE itzultzaileen elkarteak helburu bereko lehen programa: "Idazlea itzultzailearen lantegian". 2006tik aurrera urtero eskaini ditu EAEko Gobernuak euskarazko literatura nazioartekotzeko poltsak: lehenik Kultura Sailaren bidez, Etxepare institutuaren eskutik gero.
2005aren bueltan ekin zion Elizabete Manterolak doktore-tesiari, euskaratik itzulitako literatura aztergai: "Ikusi genuen kanpora begirako ekoizpena garrantzia hartzen ari zela, eta helburua izan zen katalogo bat sortzea. Gutxi gorabehera bagenekien zer zegoen itzulita, baina zenbakitan jarri nahi genuen, azterketa xehe baten bitartez".
Eta lagungarri suertatu da, Coleraren ustez: "Manterolak egindako lana oso beharrezkoa iruditzen zait, batetik, erreferentzia-iturri gisa, eta, bestetik, aukera ematen duelako itzuli dena aztertzeko, hainbat aldagairen argitan: garaia, generoa (idazleena zein literarioa), helburu-hizkuntzak, argitaletxeak... Interesgarria da horri guztiari erreparatuta ondorioak ateratzea, oinarri baten gainean eta ez usteen gainean".
Zertarako: elkarrizketa xede
Kontua zertan den zehaztuta, funtsezkoa da beste galdera bati heltzea. Zertarako balio dezake kanpora bidaiatzeak, euskarazko literaturaren eremuan, barne-mailan?
Colerak uste du elkarrizketa sortzeko eta gure paradigmak auzitan jartzeko tresna dela literatura. "Hasieran obraren hizkuntz komunitatearen barruan gertatzen da, baina itzulpenak aukera ematen du elkarrizketa hori beste hizkuntza komunitate batzuekin ere egiteko. Gainera, paradigma filosofiko gehienak hizkuntza inperialetatik datozkigu, eta horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua gure hizkuntza ez-hegemonikoak ere itzultzea, mundu-ikuskera nagusia alde askotatik pentsatu eta zalantzan jarri ahal izateko".
Manterolak gehitu du hizkuntzen arteko harremanak lantzeko ere balio dezakeela, "ez daitezen alde bakarrekoak izan, aldebakartasunak batzuetan mendekotasuna sortzen baitu".
Eta, paradigmetara itzulita, geureak ez ezik, geurekiko aurreiritziak ere hausteko. "Euskal gaiak denak izan daitezke", azaldu du Colerak, "baina badago iruditeria finkatu bat euskal gaiak zer diren, euskalduntasun bezatu bat, eta hori eteteko balio dezake zenbait literatur lan itzultzeak".
Nola: batzuetan, zubiak oztopo
Arriskuak ere baditu, haatik. Tartean, nabarmen, jatorrizko mezua lausotzea, telefonoaren jolasean bezala. Payak Ingalaterran irakasle aritu zen garaira jo du: "Aukera izan nuen aztertzeko ea zer espainiar idazle irakurtzen ziren gehien bertako unibertsitateetan, eta lehen hamar autoreen artean sarri agertzen ziren Bernardo Atxaga, Manuel Rivas eta Quim Monzó. Oso kasu agerikoak dira: gaztelania ez beste hizkuntza batean idazten dute hirurek, baina merkaturatzea beste modu batean egin dute, eta begira akademiak nola hartu dituen... Estandarizazio-prozesu bat gertatu da".
Abiapuntuari berari erreparatu dio Colerak: "Hizkuntza txikiak itzultzeko garaian gakoa da zer sistema literariok hartzen dituen erabakiak, horrek guztiz baldintzatzen baitu itzultzen dena, itzultzen denaren harrera... Beraz, noren esku dago? Hizkuntza txikiaren literatur sistemaren esku ala hizkuntza txikiaren metropoliaren esku? Metropoliko sistemak bere baitako ale exotikoak kanporatzeko borondatea izan ohi du, zentralitateari kutsu exotikoa ematekoa. Euskararen kasuan, adibidez, sarri zubi-hizkuntza bidez egiten dira itzulpenak, gaztelaniaren bitartez, eta itzuli diren gauza askok ez dute islatzen euskaraz esaten den gauza berbera: harremana baldintzatua dago, eta otzandua".
Itzulpen-moldeen hariari egin dio tira Manterolak: "Arriskuak badaude, noski: egokitu izan zait aditzea Atxagak zuzenean gaztelaniaz idazten duela. Horregatik da garrantzitsua zuzeneko itzulpenak bultzatzea, ahal den neurrian. Hala ere, gauza bakoitza bere garaian ipini behar da: hizkuntza gutxitu bat izanda, ez da harritzekoa garai batean zeharka itzuli izana. Era berean, normalean, argitaletxeak ez dira itzultzaile ezezagunekin fio, eta zuzenean egin dezakeen norbait egon arren, akaso ez dute onartzen. Ondo legoke ikustea zer joera ari garen hartzen azkenaldian: zenbat itzultzen den zeharka eta zer merkatura begira, nork erabakitzen duen nola itzuli, idazlea derrigortzen ote duten bere lana itzultzera... Bestalde, zeharkako itzulpena ez da berez txarra, batzuetan hori da lan batera iristeko modu bakarra. Baina zuzenean egin genezakeen zerbait zeharka egiten badugu, hori aztertu beharra dago".
Azken ordukoa
Hasieran aipatzeke laga dugun beste ekimen bat ere bada, orain hilabete gutxi aurkeztua: Itzultzaile Berriak. Donostia 2016k sustatu du, Etxepare Institutuarekin eta EIZIErekin elkarlanean. Apirilean plazaratu zuten deialdia: kanpoko 8 itzultzaile nahi zituzten, bakoitzak euskarazko lan bat itzul zezan bere jatorrizko hizkuntzara. Baldintzak: itzultzaileek eurek aukeratzea euskarazko itzulgaia eta jaioterrian argitaratzeko modua bilatzea. Modalitateak, bi: euskaraz ezer ez zekiten 4 itzultzaile eta gutxieneko maila bat zeukaten beste hainbeste. Modus operandia : euskaraz ez dakiten itzultzaileek hiru hilabeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian hizkuntza ikasteko, eta zer edo zer badakitenek, aldiz, hilabetekoa. Azkenik, ez da zubi-hizkuntzen erabilera baztertzen.
Ekimenaren bueltan sortutako zalantzen harira galdetu diogu Payari. Baga: nola ikasiko dute hizkuntza hain denbora laburrean? "Inork ez dezala pentsatu euskaraz bizitzeko formakuntza emango zaienik. Itzulpengintzan, batez ere, hizkuntzaren ezagutza pasiboa lantzen da, eta trebakuntza oso espezifikoa jasoko dute. Aldi berean, tandem bana esleituko zaie, EIZIErekin elkarlanean: beti izango dute itzultzaile edo idazle bat ondoan, eta horri esker sare oso interesgarri bat sortuko da, eta jatorrizko testua behar bezala lantzeko erreferentziazko pertsona bat izango dute. Gainera, itzultzaile bakartiaren mitoa hautsi behar da, eta ahalegin garbi bat egin nahi izan dugu erakusteko euskara ikastea beste edozein hizkuntza ikastea bezain zaila edo erraza izan daitekeela".
Biga: euskaraz ez badakite nekez ezagut dezakete euskarazko literatura sakonki; aukeratutako obrak ez ote dira izango kanpoan jadanik ezagunak direnak, ez ote dute kanona areago berretsiko? "Hori baino, oso itzulpen errazeko obrak proposatu dituzte. Aurkeztu zaizkigun itzultzaileak profesionalak dira, eta jakin badakite zer den obra bat itzultzea. Hautagai askok gaztelaniaz dakite eta ezagutza horri egiten diote tira, bai, baina beste askok sarea bilatu dute, euskal etxeen bidez-eta. Merkaturatzeko aukerei ere erreparatu diete, eta argitaletxeen interesak bermea ematen dizu".
Aurrera begira
Ibiltzeko dagoen bideari erreparatuta, azken hausnarketa hizlariek, bakoitzak beretik. Paya: "Euskal literaturaren nazioartekotzean etxea eraikitzeko dago. Itzultzaile Berriak proiektutik hainbat ondorio aterako ditugu, eta ikusiko dugu ea irizpide batzuk aldatu behar diren, baina ez daukat zalantzarik Etxepare bezalako erakunde batek itzultzaileak trebatu behar dituela. Bere egitekoa bada euskal literatura zabaltzea, zer da hau ez baldin bada irekiera horretarako bideak sortzea? Merkaturatu daitekeen lagin horretan ez badira elementu gehiago sartzen, beti ibiliko gara liburu bera besapean".
Colera: "Hizkuntza txikien arteko elkarrizketa-zubia etenda dago: edo hizkuntza inperialetatik iristen zaizkigu gauzak edo hizkuntza inperialetara iristen gara gu, baina muga hori beti dago. Oso garrantzitsua iruditzen zait Mendebaldetik kanpoko literaturak geureganatu ahal izatea, aukera bakartzat jotzen ditugun paradigma asko unibertsalak ez direla ikusteko: adibidez, Indian hirugarren sexua onartua dago, milioi bat lagun bat daude hirugarren sexukoak. Hindiz idatzitako literatura naturalki iritsiko balitzaigu, ikusiko genuke binarismoa ez dela unibertsala. Alderantziz ere, garrantzitsua da gure txikitasunetik unibertsala txikitu ahal izatea, eta kanpora begira gure ekarpena egitea. Bestalde, zer itzultzen den ez da erabaki neutroa, politikoa baizik, eta legitimoki politikoa, baina erabaki hori zehazten duten irizpideak finkatu behar dira, eta irizpideen inguruan bai eztabaidatu genezake: zer itzultzen den, zertarako, norentzat, zergatik eta nola. Edozer abiatu aurretik bost galdera horiek argitu behar dira, bestela halako inertzia batzuetan sar gaitezke, eta itzulpen-politika zehatzik gabe jardun".
Manterola: "Gaiaren inguruko eztabaida bultzatuko nuke. Gero eta garrantzi handiagoa dauka, eta ez dakit zer politika hartu beharko liratekeen, baina badauzkat hausnarketarako gako batzuk, besteak beste, itzulpena eta esportazioa ez direla beti gauza bera, alegia, barne-kontsumorako ere itzultzen dela. Aberasgarria litzateke hainbat eragile biltzea gogoetara, eta kontrako norantzan badugu adibiderik: Literatura Unibertsala bilduma; Eusko Jaurlaritza, EIZIE eta argitaletxeak batzen dira hor. Azkenik, itzulpenak aztertzen ari garen unean literaturaren beraren funtzionamendua aztertzen ari gara; zer, nork eta nola itzuli den aztertzen dudan arren, azken batean, literaturak berak hartzen dituen joerak ikertzen ari naiz. Garrantzitsua da ikuspegi horretatik abiatzea". | news |
argia-aacdc98c73a3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/espetxe-politika.html | Jose Luis Elkoro erabat aske, zortzi urteren ondoren | Urko Apaolaza Avila | 2015-09-13 00:00:00 | Jose Luis Elkoro erabat aske, zortzi urteren ondoren
Ezker abertzaleko militante historikoari 2010etik zeraman orkatiletako telematikoa kendu diote.
Jose Luis Elkoro 2010ean irten zen espetxetik, baina ordudanik orkatiletako telematiko batekin egon da, eguneko ordu gehienetan etxetik irten ezinik. Bost urteotan astero joan behar izan da Martuteneko espetxera paper bat sinatzera, eta ekitaldi politikoetan parte hartzea debekatu dio epaileak.
Irailaren 2an erabateko askatasunean geratu zen, espetxetik deia jaso ondoren. Hasierako hitzordua biharamunean zuen Elkorok, baina politikari ohia kaleratzeko sortutako Mugituko Da plataformako Joseba Moñuxek Argiari azaldu dionez, egun horretarako bergarar ugari joatekoa zen Martutenera bi autobusetan eta, euren ustez, espetxeko arduradunek hori saihestearren aurreratu zuten libre uztea. Nolanahi ere, Elkorori lehen harrera egin zioten Bergarako Munibe plazan.
Birritan espetxeratua
1935ean jaioa, 80 urte ditu Elkorok eta 1976ko alkateen mugimenduan giltzarri izan zen. Urte luzetan politikara emana, 1997an atxilotu zuten HBko mahai nazionaleko beste kideekin batera. 18 hilabete egin zituen espetxean.
Epaileak 18/98 auzian inputatu zuen Egin egunkaria itxi ondoren eta 24 urteko kartzelara zigortu. 2009an epai irmoa kaleratu zenean –8 urtera jaitsi zioten zigorra– berriz atxilotu zuten eta 2010ean irten zen espetxetik kontrolpeko baldintza oso gogorrekin.
Mugituko Da plataformak azaldu duenez erabateko askatasuna lortzeko gakoa izan da epaileak aintzat hartzea 1997 eta 1998an espetxean igaro zituen hilabeteak –Konstituzio Auzitegiak errugabe jo zituen HBko kideak–.
Trantze historikoak
Bergaran ekitaldi politikoa antolatu zuten irailaren 4an, "Jose Luisek askatasuna berreskuratzean bakearen eta batasunaren aldeko mezua zabaltzeko" helburuz, Moñuxen esanetan. Besteak beste, Bergaran alkate izandako guztiek hitz egin zuten, baita Elkorok berak ere, eta Arnaldo Otegiren idatzia irakurri zen: "Egun, bide luzea egin dugun honetan, berriz ere Erreformaren edo Haustura Demokratikoaren arteko talka ate-joka dugu. Orain dela 35 urte halako trantze historikoan egon ziren Jose Luis eta berarekin batera Herri Batasuna antolatu zutenak. Horregatik behar ditugu orain ere bidelagun". Elkorok Otegiren hitzak eskertu eta "bera bezalako liderrak" behar direla nabarmendu zuen.
Hainbat urtetan lehenengoz politikaz askatasunez hitz egin ahal izan du militante historikoak. Goiena ri eskainitako elkarrizketa batean honakoa azaldu du: "Ez da momentu itxaropentsua, zatituta gaudelako, baina ikusten ditut argi batzuk. Gure Esku Dago bada argi bat; gai bagara hori indartzen, egin daiteke bide bat alderdien gainetik".
Laguntzeko prest azaldu den arren, Elkorok ez du asmorik berriz ere "politikan sartzeko", baina beste aukera asko ikusten ditu "Euskal Herriaren alde lan egiteko". | news |
argia-45df3f4f4278 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/euskara-praktikoa-ikasteko-garaia.html | Euskara �praktikoa� ikasteko garaia | Onintza Irureta Azkune | 2015-09-13 00:00:00 | Euskara �praktikoa� ikasteko garaia
Goiena.eus-en Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariari egindako elkarrizketatik:
Zigor Etxeburuak utzitako lekuan diharduzu lanean. Baduzu haren politikak jarraitzeko asmorik?
Etxe honetan badago ardatz bat hizkuntzaren gaian oso atzetik datorrena eta eten handirik izan ez duena. Lehenago egon diren euskara zuzendariek ere metatu dute aurrekoek egindakoa. Ñabardurekin, erritmo ezberdinekin, hobekuntzekin… baina koherentzia batekin. Duela urte asko erabat erdalduna zen etxea gaur egun elebiduna da. Eta ez nator lehendik ondo egindako ezer apurtzera. Egongo dira egokitzapen batzuk, edo ñabardura batzuk, baina jarraituko dugu lehengo ildotik.
Ze berritasun dakarzu?
Berritasun nagusia begirada luzatzea litzateke. Estilo kontua izan daiteke. Ormaiztegin jaio garenok badakigu zubiak zenbateraino diren garrantzitsuak eta sozialki Debagoienean hazi garenok lankidetza ere zein garrantzitsua den badakigu. Estilo aldetik, zubiak eta lankidetza oinarri hartuko dituena, eta, bestetik, begirada luzea izango duena. Euskararen biziberritze prozesua geldiune edo bidegurutze baten dago. Ziklo luze batetik gatoz. Emaitzak hor daude. Asko aurreratu da. Baina, aldi berean, jomuga batzuk erdietsi baditugu ere, gauza berdinak eginez lorpenak berdinak ez dira izango. Beharrezkoa da begirada luze bat. 25 urtekoa-edo". | news |
argia-c585198f36b0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/aberasteko-modukoa.html | Aberasteko modukoa | Aritz Galarraga | 2015-09-13 00:00:00 | Aberasteko modukoa
Poemas naufragos:
galegoz heldutako poemak
Itzul.: Joseba Sarrionandia
Susa, 1991
Galegotik "gehiegi" itzultzen zen garaikoa da argitarapena: 1991ko maiatza. Zehatzago, maiatzaren 17a, Día das Letras Galegas. Urtero, data horrekin, ospatzen baita egile galegoen eguna, gogoratuz Rosalía de Castrok 1863koan argitaratu zuela Cantares gallegos famako hura. Zentra gaitezen gurean: Poemas naufragos: galegoz heldutako poemak. Susa literatura aldizkariaren 27. zenbakiarekin liburuki bat opari. Joseba Sarrionandiak kartzelan itzulitako poemak. Xosé Estévez eta Iñigo Aranbarrik jatorrizkoak aurkitu eta egile bakoitzaren fitxa txiki bat daraman edizioa prestatu. Eta Koldo Izagirreren sarrera. Elebiduna dena, galegoz eta euskaraz. Zortzi poeta, hamasei poema guztira.
Poetak dira: Manoel Antonio, Luis Amado Carballo, Alvaro Cunqueiro, Aquilino Iglesia Alvariño, Luis Pimentel, Luis Seoane, Celso Emilio Ferreiro, Manuel María. Salbuespen batzuekin (adibidez Cunqueiro, Literatura unibertsalean!), euskaraz hemen baino ez dauden poetak. Noski, denak gizonezkoak. Baina ez da antologia honek islatzen duen arazoa soilik. Urtero, maiatzaren 17ko datarekin, berritzen da polemika. Día das Letras Galegas, berrogeita hamar ediziotik gora, eta hiru dira emakume omenduak: Rosalía de Castro bera, noski, itsusia litzateke bestela. Francisca Herrera Garrido, 1987an. Eta 2007an María Mariño –bide batez, Euskal Herriarekin harremana izan zuen idazlea–. Antologiako zortziak omendu dituzte jada (tira, Manuel María izango da 2016ko idazlea). Eta poesia galegoarekiko interesa agertu duten poeten –Gabriel Aresti, Koldo Izagirre, Itxaro Bordaren– sator-lana aitortuta –Iratxe Retolazaren terminoa erabiltzeagatik–, ez ote den lagina, kanona aberasteko ordua. Antologiako zortzi klasikoen aldean, ez ote luketen Luisa Villalta, Xela Arias gisako klasikoek beharko, bizirik daudenen artean Chus Pato, are gazteagoa María do Cebreiro ez ote genituzkeen gehituko. Bestela antologia beharrezkoa baita, Poeta katalan garaikidea k haren ildokoa. Kontua ez baita orain arte egindakoa deuseztatzea –egindako gutxia deuseztatzeko gaude ba–, ez bada errebisatu, zabaldu, hobetzea –eta ari gara, ez soilik genero, beste norabide batzuetan ere: Lois Pereiroren euskaratzea adibide–.
Inoiz irakurri izan dut, auskalo non, nori –ze autoritate moduri–, beste generoen aldean poesia garatua duen literatura –eta auskalo zer den hori– literatura azpigaratua dela –eta auskalo zer den hori ere–. Galegoena ikusita, gehiago iruditzen zait niri literatura baten bizitasunaren erakusgarri. Ekarpen berriekin etenik gabe aberasteko modukoa, beti ere. | news |
argia-1bd9a27e2f48 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/4000-urteko-hiria-itsaspean.html | 4.000 urteko hiria itsaspean | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-09-13 00:00:00 | 4.000 urteko hiria itsaspean
Brontze Aroko hiri bat aurkitu dute Egeo itsasoan Genevako Unibertsitateko, Suitzako Arkeologia Eskolako eta Greziako Antzinate Saileko ikerlariek. K.a. 2000-3000 urteen inguruan hiriak garrantzi handia izan zuela uste dute, aztarnategiaren tamainan eta aurkitutako babes elementu ikusgarrietan eta harresi sendoetan (argazkian) oinarrituta. "Garai horretako halako babes egiturarik ez da aurkitu gaurdaino Grezian", Julien Beck Genevako Unibertsitateko kidearen hitzetan. Oraindik ez dakite hiriak zer tamaina zeukan, eta oraingoz 1,2 hektarea aztertu dituzte –bi futbol zelaitik gora, komunikabideek gogokoen duten azalera unitatean adierazita–. Aurkikuntza oso lagungarria izango da Brontze Aroko merkataritza ibilbideak hobeto aztertzeko. | news |
argia-9c1609b922d0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/gizaki-gisakoak.html | Gizaki gisakoak | Anuntxi Arana | 2015-09-13 00:00:00 | Gizaki gisakoak
Alarde garaia ixten duen Hondarribikoak zer ekarriko ote digun geundela, sasoia irekitzen duen Irungo konpainia mistoari begiratuta otu zitzaidan zein gisakoak diren han ibiltzen diren gizonak, adin guztietakoak, ile urdinetatik mutikoetaraino. Justiziazkoa baizik ez dena, eta, halere, zerbait da pribilegiodunak berdintasunaren alde ikustea. Sexismoak sortzen duen amorruan oroitzekoa da errealitatearen beste zati hori, garrantzitsua, minoritarioa denean ere. Eta historian nolabaiteko aurrekariak dituena.
Hor dugu Bernart Etxepare Emazteen fabore olerkian, begirada nahiko barkakor eta androzentrista duen arren. "Gizonaren probetxuko emaztea beti da", dio: etxea gobernatzen du, espeziearen segida segurtatzen du, plazer emaile da… Eta atsegingarri direnez, emazteak atsegaleak direlakoan arrangura zirenei erantzun zien ez luketela faltarik egingo gizonek bakean utziko balituzte. Gai bera landuko zuen ondoko mendean Juana Ines de la Cruz serorak, hark ere gizonei leporatzen zizkiela andreen hutsak. Ez ziren feministak, ez de la Cruz eta ez Etxepare, baina bataren arrazoibidea goresten bada, ezin da bestearena gutxietsi, biei aski zaila izango baitzitzaien garai haietan urrunago joatea.
Beste muturrean dugu Frantzisko Xabierkoa, konfesoreei aholkatzen ziena sekula ez emaztearen aitzinean aitortzeko senarra dela hobendun, haren errua nabaria bada ere, emakumeak ez dezan deus gaitzestekorik izan gero. Santu nafarraren ideiak maizegi topatzen ditugu oraingo gizonengan; eta aski ez balitz, urtero badira Hondarribian neska panpinak, sumindura beltzez mozorrotuak eta parekidetasunari bizkarra ematen. Gutarik inor ez da alienaziotik salbuetsita, eta badira beren zapalkuntza gorestea hautatzen dutenak.
Horiek hola, feministek jarrera paradoxikoak hartu behar dituzte: alarde mistoa eskatu eta talde ez mistoetan militatu, emazte izateak ez duela baitezpada jarrera itxurosorako berme ematen jakinez eta, aldi berean, eraso sexisten aurkako autodefentsa landuz. Ahantzi gabe, norbaiten balioa neurtzeko sexua irizpide egokia ez baldin bada, ez dela zertan gizonak, gizon direlako, emakumeen etsai naturaltzat hartu. "Emakumea gizakia da" oximoroari ihardukitzeko, parean ezar dakioke: "Gizonak ere jendakiak dira", eta batzuk oso zintzoak. Ez da aurkikuntza bat, ez da bolbora, bakarrik gogoratzeko gogoa –eta hor konpon oximoro, paradoxa eta beste pare alprojak–. | news |
argia-31be7c28e297 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/alemania-eta-ordoliberalismoa.html | Alemania eta ordoliberalismoa | Baleren Bakaikoa Azurmendi | 2015-09-13 00:00:00 | Alemania eta ordoliberalismoa
Alemaniak Europako herrialdeak bere menpe jartzeko asmoa ez da oraingoa. Ez dira hainbeste hamarkada joan azken-aurreko saiakera egin zuela, baina oker atera zitzaion. Militarki herrialde ugari bere agindupean izan zituen, baina horrela menperatuta eusteak kostu handiegiak ditu.
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Alemania neutralizatuta edukitze aldera, Europako Batasuna (EB) deiturikoa sortu zen. Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemania batu zirenean, EBk baliabide politiko eta ekonomiko andana ipini zituen Alemaniak erraztasunak izan zitzan, horien artean arauzko defizit publikoa gainditzea. EBko beste herrialdeei debekatu egiten zitzaien.
Hala ere, oro har, iritzi publikoak bereganatuta dauka Alemania dela EBri eusten dion herrialdea, politika europarrak alemaniarrek finantzatzen dituztelako. Eta ez da egia. Izan ere, EBren aurrekonturako estatu kide bakoitzak bere BPGren ehuneko bat esleitzen du eta aurrekontu horretatik zenbait dirutza jasotzen du EBko politika bateratuak gauzatu ahal izateko. Noski, Alemaniak ekartzen duena baino gutxiago eskuratzen du. Beraz, diru fluxu publikoetan saldo negatiboa dauka. Fluxu pribatuetan, ordea?
Izan ere, Alemaniako merkataritza balantza positiboa da, kanpoan gehiago saltzen duelako inportatzen duen kopuruarekin alderatuta. 2014an, kanpo superabita bere BPGren 7,57koa izan zen eta 2002tik 2014ra bitartean, batez bestekoa, ehuneko 6-7koa. Alemaniaren esportazioen ehuneko 58 EBra doa. Hori dena posible izan da EBko herrialdeen arteko muga zergak desagertu zirelako.
Desoreka hori autorregulatuko zen, baldin eta herrialde bakoitzak bere diru propioa eduki izan balu: Alemaniako markoa birbaloratuko zen eta bere ondasunak garestitu gainontzeko herrialdeetan. Aldiz, defizita jasandako herrialdeen dirua debaluatu da. Egoera hori ordea, iragana da euroarekin. Haatik, desoreka horiek konpontzeko europar diru funtsa bat sortu behar izan zen, eta huts egin ondoren, soldaten debaluazioaren bidez lehiakortasuna handitu da.
Bestalde, superabit horrekin Alemania gai da dirua maileguz uzteko EBko edozein herrialderi, Espainiako Estatuko edo Greziako bankuei, kasurako. Halaber, dirutza uztearen truke interes oparoak ere jaso ditu Alemaniak.
Politika hori guztia doktrina politiko-ekonomiko zehatz baten ondorioa da: ordoliberalismoa . Alemaniako sistema gehiago kokatzen da ordoliberalismoan neoliberalismoan baino. Doktrina horren arabera, oro har, estatuak esku hartu behar du arau ekonomiko sendoak finkatze aldera, demokratikoki hautatutako legebiltzarrak ezin du jarduera ekonomikoan eragin, ordena ekonomikoak lehentasun izan behar du.
Hortik sistemaren oinarrizko erakundeak gobernuaren kontroletik at egon beharra: Bundesbank Alemanian eta bere pareko EBZ EBn; gobernuak legebiltzarrari entzun ordez ekonomiako jakitunei jaramon egin behar die eta EBn Europako Batzordeak betetzen du jakitunen papera; merkatu soziala sustatzen da; austeritatea ekonomiako jakitunek behartuko dute; ongizate estatua sozialdemokratek mehartuko dute, ez ordoliberalistek. EBn Alemaniako gobernuak esku hartzea itsusia denez, Troika eta Euro-taldea eratuko ditu inolako babes legalik gabe.
Haatik, EB demokratizatu gura badugu, gizarte zibilak hauteskundeetan agindutako egitarauak gauzatu behar dira, Grezia gauzatzen saiatu zen bezala. Izan ere, Greziak bideak nondik joan behar lukeen erakutsi digu eta ez da gutxi.
[* Ordoliberalismoaz gehiago jakiteko irakurri ale honetako Net Hurbil.] | news |
argia-216c43786800 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/euskararen-erabilera.html | "Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira" | Onintza Irureta Azkune | 2015-09-13 00:00:00 | "Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira"
Jendeak erdaratik euskarara jauzi egin dezan zer egin behar da, berauek gogotik motibatu ala euskaraz egin beste erremediorik ez duten egoerak sortu behar zaizkie? Pello Jauregik bigarren ideia proposatzen du.
2014ko irailean, Donostian, Emunek antolatutako Moti+batu topaketan eman zuen hitzaldia Pello Jauregi EHUko irakasleak. Izenburua hau jarri zion hitzaldiari: "Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak". Ondoko lerroetan hitzaldiaren transkripzio moldatua duzue. Lotura honetan aurkituko duzue bideoa: www.lantalan.com/motibatu-topaketa.
Pello Jauregi: Jarreratik edo motibaziotik jokabidera edo erabilerara nola salto egin hitzaldia emateko esan zidaten. Izenburuan "jokaeratik jarrerara" jarri nuen, eta esan zidaten ea gaizki jarri nuen. Ez, ez. Ondo ulertu dut, baina alderantzizkoa esan nahi dut. Motibazioa oso errotuta duten pertsonek, seguru asko aldatuko dute euren jokaera, beraiek koherente sentitzeko. Ni benetan gaixo jartzen baldin banaiz erdaraz egiten dudalako, benetan euskara maite badut, eta nire jokaera erdaraz bada, saiatuko naiz koherente izaten, eta oso errotuta daukadanez euskaraz egin behar dudala, nire jokaera aldatuko dut. Hori egia da. Baina nire ustez, oso gutxitan gerta daiteke, ezin da orokortu. Interbentzio guztiak [euskara planak garatzen dituzten eragileei ari da hizketan] ezin dira planteatu ildo horren arabera. Motibazio pertsonal sendoan oinarritutako erabilera planak bide motzekoak dira.
Koherentzia bila
Pertsonok koherentzia bilatzen dugu. Adibidez, gerta daiteke gure harreman sareetan [lantokian] behartuak izatea beste hizkuntza jokaera batean aritzera [euskaraz egin beharra]. Pertsona hori ez dago ohituta, sisteman desoreka sortzen du, baina jendea hasi da [euskaraz] hitz egiten, nagusia ere bai, txostena hizkuntza horretan iritsi zaio… Norbanakoa horrelako egoera sozial batean murgilduta badago luzez, eta ihesbide gutxi baldin badauka, azkenean berak aldatuko du jarrera. Beraz, jarrera, euskararekiko hurbiltasuna, etorriko zaio euskarazko jokabidean murgilduta egon delako. Beraz, jokabidetik jarrerara egiten dugu. Niri, bigarren hau interesatzen zait.
Muina, bihotza, jende motibatua, indarra duena, behar da alde batetik. Baina jende gehienak aldaketa egingo du ez motibazioagatik, ez kontzientziagatik, baizik eta daukaten giro sozialera egokitu beharko dutelako. Giro soziala gutxiengo motibatuak sortuko du, eta besteak moldatu egingo dira, jokabide egokitzailea hartuko dute. Oso motibatuta daudenek jokabide urratzailea dute, inguruan daukatena urratuko dute, beraiek ondo sentitzeko. Bi indarrak uztartu behar dira. Inozoak izango ginateke pentsatuko bagenu gizarte guztiak motibazioaren bidez egingo duela aurrera.
Borondatea ez da nahikoa
Bi diskurtso dauzkagu. Batetik, borondatearen diskurtsoa, motibazioarena daukagu, eta bestetik, diskurtso soziologikoa, neurri sozialak. Zer gertatzen zaigu borondatearen diskurtsoarekin? Egoera sozialekin haserre gaudenean, lagunekin hizketan hasi eta esaten dugu: " Kauen la puñeta , denak elkartuko bagina, aterako genuke dirua bankuetatik eta bankuek porrot egingo lukete". Edo: "Langileok elkartuko bagina halako murrizketarik ez lukete egingo". Edo: "Euskaldun guztiak batuko bagina…". Gutxitan datoz benetako aldaketak hortik. Zergatik? Guk borondatea erabiltzen dugulako, baina bankuek, enpresek… neurri sozialak erabiltzen dituzte. Gainontzekoak egokitu egiten gara horretara. Indar handiagoa dauka gure jokaera sozialak gure borondateak baino. Euskal Herria erdaldundu da, eta ez da erdaldundu jendearen borondatez, baizik eta beste erremediorik ez zegoelako, neurri politikoak, ekonomikoak, militarrak hartu direlako, eta gizaldiz gizaldi horretara egokitzen joan gara. Gaur egun, lasai funtzionatzen dugu gaztelaniaz, gure jarrera jokabide horretara egokitu dugu. Zer dela eta aldatuko dugu gure erosotasuna, ondo funtzionatzen duen gauza batetik egoera konplikatu batera? Nork egingo du? Gutxi batzuek, baina denek ez. Energia gero eta gutxiago dago, eta ez da harritzekoa.
Frankismoa su piztaile
Noiz egon da gizartean kontzientzia maila altuena? Frankismoaren bukaeran. Egoera sozial latza zegoen, eta batzuek amorruz, injustizia eta inpotentzia sentsazioz erantzun zuten. Multzo sozial batean emozio sozial horiek sortzen eta errotzen badira, hortik etor daiteke kontzientzia eta motibazioa, eta gauzak aldatzen saiatzea. Azken 30 urteetan emozionalitate soziala jaitsi egin da halabeharrez. Gaur egun euskararen errepresioa ez da begi-bistakoa. Seguru asko Nafarroan askoz ere kontzientzia gehiago egongo da, egoera soziala latzagoa delako. Baina gure seme-alabak [hitzaldia Donostian eskaini zuen] ikastolara joan dira normal-normal, euskaraz egin dezakete nahi badute. Orduan nondik sortuko da motibazioa? Kontzientzia gutxi batzuek izango dute, eta gutxi horien esentzia erabili behar da ingurukoak moldatzeko, egokitzeko.
Lankide zirikatzailea
Lantokietako langile bikoteak aztertu ditugu. Gaztelaniaz hitz egitetik euskaraz aritzera pasa dira. Bietako batek motibazio handia du eta prozesuari eusten dio. Besteak bere burua eramaten uzten du, egokitu egiten da. Eman dezagun adibide bat: "Euskara ikasten ari zarela jakin dut, euskaraz ulertzen duzula, beraz, hemendik aurrera euskaraz egingo dizut". Euskaldun kontzientziatuak hartutako jokaera da, besteari ez zaio beste erremediorik gelditzen, harekin euskaraz egitea baino. Ohitzen joan da, gaitasuna eskuratzen, jarrera aldatzen, euskara erabat erabilgarri bihurtuko zaio. Jarrera aldatu du jokaera egokitzaile bat eduki behar izan duelako, ez nahi zuelako.
Baietz euskaltegiko irakasleek gaztelaniaz egin
Motibazioaren eta neurri sozialen arteko jokoa ikusteko adibide bat gogoan daukat. Orain dela hamarren bat urte, euskaltegietako irakasleentzako graduondokoa antolatu genuen unibertsitatean. Pentsatzekoa zen irakasle haiek euskaltzale amorratuak zirela. Formazioa eman zuten bi irakasleren artean apustua egin zuten: Baietz lortu klase bukaeran euskaltegiko irakasleek erdaraz hitz egitea. Zeinek dauka indar handiagoa, irakaslearen autoritateak ala jendearen motibazioak? Euskarari eutsiko ziotela esan zuenak apustua galdu zuen. Nola lortu zuen? Erdarazko materiala eraman zuen, eta materiala komentatzerakoan erdaraz hasi zen, eta jendea poliki-poliki, plin-plin, artalde hartako buruak jarri zuen amuan erori zen. Niri hori interesatzen zait. Nola sortu inertzia edo neurri sozialak euskararen erabilera ezinbesteko bihurtzeko? Gero eta gehiago jarri behar duzue burua horretan.
Arrasate eta Ezpeletako langileek zein hizkuntzatan egingo dute?
Demagun Arrasateko kooperatiba batean langile gehienak euskaldunak direla. Euskara-frantses elebidun diren Ezpeletako hamar langile kontratatuko balituzte zer gertatuko litzateke? Elkar egokitzeko daukaten zentzuzko modu bakarra euskaraz hitz egitea da. Mekanismo sozial bat da hori, koherenteak izateko beharra daukagu, oreka bilatzen dugu. Batzuetan ordea, joera horren kontra egiten dugu, jokabide urratzailea dugu, ez gaude ados eta borroka egiten dugu. Borrokarik egiten ez badugu, hamarretik bederatzitan egokitu egiten gara. Ezpeletako eta Arrasateko langileek euskaraz egingo lukete, modu naturalean. Mekanismo sozial horri simetrikotasuna deitzen diot.
Euskararen aldeko inertzia
Bada beste mekanismo sozial bat, "eskatu ezean arauzko aukera" deitzen diot nik. Taldean, sailean, erakundean, familian, kuadrillan… esan dezakezu inertziaz euskaraz jokatuko dela. Adibidez, lantokian txosten guztiak euskaraz egingo dira, eta norbaitek gaztelerazkoa eskatzen badu pasako diogu. Zer gertatzen da mekanismo hori dagoenean? Inertzia edo mekanismo sozialak euskararen aldera jotzen du, errazagoa da horretara egokitzea, beste hizkuntza eskatzea baino. Beste hizkuntzan eskatzeak deserosotasun txikiak sortzen ditu: zer pentsatuko dute nitaz; operazio batzuk gehiago egin behar ditut gaztelerazkoa lortzeko; gaurko behar dut eta agian itzulpena bihar arte ez didate egingo…
Motibatuenak babestu
Oso latza da norbanakoari gizarte araua urra dezan eskatzea eta erantzukizuna bere bizkar gainean eramatea. Abiapuntua kontzientzia dutenek euskara erabiltzea da, horiek euskaraz egiten dutenean sortzen baita egoera soziala. Baina hala izateko taldean, enpresan, erakundeko sailean, haien jokaerak babesteko neurriak hartu behar dira. Pertsona horiek euren jokaera zilegi dela sentitu behar dute. Horrek ez du esan nahi babesleek izugarrizko gogoa adieraziko dutenik, baina gutxienez ez dira kontra egongo. Soziologikoki jende gehiena multzo horretan gaude.
Hirukotea: jende motibatua, jende arrunta, babesa
Laburbilduz, euskara planak hiru gauza hartu behar ditu kontuan. Lehenik, bihotz bat, kontzientziaduna, jokaera urratzailea izango duena, inguru sozialeko oreka apurtuko duena. Bigarrenik, inguruan egongo den jende arrunta, kontra egongo ez dena, prest dagoena egokitzeko dagoen horretara. Hirugarrenik, neurri babesleak, denok adostuak, edo behintzat zilegitasuna emango diotenak euskara hutsezko jokabideei. Euskara hutsezko jokabidea ingurune sozial batean kokatzen dugunean, inguruan zurrunbilo egokitzailea sortzen dugu, eta hortik etorriko da euskara zabaltzea. Seguru asko, gurean, ikuspegi psikologikoa, norbanakoan oinarritutakoa, asko lantzen da. Nire proposamena ikuspegi soziologikoan, harreman sareetan, burua gehiago jartzea da. | news |
argia-4ec7c780aedb | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/ome-10-urte-ospitaleetan-esku-higienea-sustatzen.html | OME, 10 urte ospitaleetan esku higienea sustatzen | Jabier Agirre | 2015-09-13 00:00:00 | OME, 10 urte ospitaleetan esku higienea sustatzen
Ospitalean dauden ehun gaixotatik zazpik infekzio bat hartzen dute mikroorganismoen transmisioagatik, ospitaleko langileek beren eskuekin ukitu ondoren. Zifra hori beldurgarria iruditzen bazaigu ere, kontuak ez dira hor amaitzen: infektatutakoen portzentajea %30era irits daiteke medikuntza intentsiboetako unitateetan egoerarik kritikoenean dauden gaixoengan.
Duela hamar urtetik hona, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gai horri buruzko kanpaina egiten du urtero, Arreta garbia, arreta seguruagoa programaren barruan. Kanpainaren erdigunea Eskuetako Higienearen Munduko Eguna izaten da, maiatzaren 5ean. Aurtengo leloa Save lives: clean your hands (Babestu bizitzak: garbitu itzazu eskuak) izan da.
Kanpainaren hamargarren urteurrena bete den honetan, eskuak garbitzeak osasunaren eremuan daukan garrantzia azaltzen duten hamar arrazoi nagusiak gogorarazi ditu OMEk. Horien artean nabarmendu behar da milioika bizitza salbatu direla keinu sinple horri esker; osasun-sistemen segurtasuna azpimarratzen duen kalitate-adierazlea dela; eskuen higiene egokiak infekzioak saihets ditzakeela, eta gaixoen osasunari eta osasun-arretako langileei eragindako kalteak prebenitzeko kostua hamar dolarren azpitik dagoela.
Erronka politiko eta soziala
Egia da osasun arazoak, esate baterako arreta sanitarioari lotutako infekzioak –ASLI akronimoarekin ezagutzen direnak–, ez direla hain erraz azaleratzen, baina gertatu gertatzen dira, eta horregatik konpondu beharreko erronka politiko eta sozialtzat jotzen ditu Osasunaren Munduko Erakundeak. Dena den, beste hainbat kasutan gerta daitekeenaren alderantziz, ez da beti diru-kontua, teknologiarik eraginkorrenak oso merkeak baitira sarritan: horrela, alkoholarekin eratutako disoluzio desinfektatzaileak ASLIak eta horrekin batera baita milioika heriotza ere prebeni ditzake urtero. Gezurra badirudi ere, botilaren kostua hiru dolarrekoa besterik ez da.
"Osasun-langileen laneko fluxuan eskuetako higienerako une edo momentu espezifikoak txertatzeak minuturo, orduro, egunero gauzak behar bezala egitea errazten du", OMEren arabera. Baina horrekin batera, infekzioen prebentzioa da osasun-sistemen indar-gune nagusietakoa. Eskuen higieneak izan behar du beti gaixoari osasun-eremuan egindako esku-hartze guztien oinarria, dela pazienteari gailu mediko inbaditzaile bat ezartzea –pauso-markagailu bat edo belarri barruko inplante bat–, dela zauri kirurgiko bat garbitzea, dela injekzio bat jartzea bezain sinplea dirudien ekintza.
OME erakundeak esku-higienearen inguruan martxan jarri duen kanpaina sare sozialetan ere ari da zabaltzen, #handhygiene traolaren bidez. | news |
argia-2a762159ced4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/errefuxiatuak.html | Zein paper izan du Mendebaldeak errefuxiatuen herrietan? | Martin Mendizabal Garai | 2015-09-13 00:00:00 | Zein paper izan du Mendebaldeak errefuxiatuen herrietan?
Azken hilabeteotan errefuxiatuen krisi larria bizi du Europak. Airez, baina bereziki lurrez nahiz itsasoz, immigrante asko ari dira Europara iristeko ahaleginean. Hala ere, sarritan ez da jakitera ematen zergatik egiten duten ihes sorterritik. Herrialdeotan oso baldintza gogorretan bizi dira, eta Mendebaldeko potentziek badute zerikusirik egoera horrekin.
Ginebrako Konbentzioaren arabera errefuxiatua da "arraza, erlijio, nazionalitate, talde sozial edo iritzi politikoengatik jazarria sentitzen den oro eta horren ondorioz bere herrialdetik kanpo aurkitzen dena". Baina zergatik ari gara hizketan 2. Mundu Gerratik Europak jasan duen errefuxiatu krisi latzenaz? Asilo eskaera gehien egiten dituzten siriar, libiar, eritrear, irakiar eta afganistarren egoera aztertu eta Mendebaldeak herrialde horietan izandako esku hartzea errepasatuko dugu.
Siriatik dator errefuxiatu gehien
Siria dute gatazka gune horietan Europara iristen diren etorkin gehienen jatorrizko herrialdea. Sirian 2011. urtean gerra hasi zenetik 310.000 hildako izan dira, horietatik 100.000 zibil. Ondorioz ia 4 milioi pertsonek herrialdea utzi behar izan dute. Immigranteak baliabide urriak dituzten pertsonak direnla uste izaten den arren, kasu honetan klase ertaineko lagun askok utzi dute beraien herrialdea.
Sirian 250.000 pertsona setio-egoeran bizi dira eta milaka atxilotu edo desagertu daude –horien artean Antonio Pampliega, Berria ko kolaboratzailea–.
Zenbait iturriren arabera, geroz eta argiago dago Estatu Islamikoaren atzean Europar Batasuna eta AEBen finantziazioa dagoela. Gainera Bassad al Assad Siriako presidentearen oposizioko hainbat miliziek armak eta azpiegiturak jaso dituzte, bai Turkiatik –Europa eta Ekialde Hurbileko zubia– bai Arabia Saudi edota Katarretik.
Amnistia Internazionalak berriki emandako datuen arabera, arma esportazioen rankingean AEBen, Txina eta Errusiaren atzetik Europar Batasuneko hainbat herrialde daude: Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Espainia besteak beste. Herrialde germaniarraren kasuan, 2014an arma esportazioen aurrekontua bikoiztu egin zuen, 2013an bideratutako 757 milioi dolarretik 1.500 milioitara igaro zen.
Libia, NATOren interbentziotik txikituta
Libia Europara iritsi nahidutenentzako azken portua da, baita Afrikako herrialde gehienetatik iristen direnen topalekua ere. Kasu batzuetan Libiara iritsi baino lehen bi urtetik gorako bidaia egin ondoren etorkinek oso egoera latzak jasan behar dituzte: kartzelaratzeak –batzuk bertan hiltzen dira–, eta mafien bahiketak, batez ere azal beltzeko lagunek. 2011. urtean, Frantzia eta Erresuma Batuak sustatu zuten NATOren interbentzioaren ondorioz eta Gadafi, Libiako presidentea hil zutenetik herrialdeak ez du bururik altxa: Estatu Islamikoari atxikita doazen takfiri taldeek indar handia hartu dute Libian, baita etorkinekin negozioa egiten duten giza trafikatzaileek ere. Gertaera horiek kaos egoera iraunkor batean utzi dute herrialdea, eta edozein momentutan NATOren beste interbentzio militar bat justifika lezakete.
Libia petrolio erreserba handienetakoa duen herrialdea da, munduko petrolioaren %3,5aren jabe da, AEBen bikoitza. Horrez gain, gasa ere badauka. Horregatik, herrialdeak interes geopolitiko handiak dauzka, Libia eta Italia batzen dituen Greestream gas hodia, adibidez. Libia erdialdeko Afrikara iristeko atea da: Frantziaren eraginpean dauden eta petrolioa eta uranioa dauzkaten Chad eta Nigerreko herrialdeekin muga egiten du, eta horrek oso erakargarri egiten du.
Gadafiren garaian –NATOren interbentzioa baino lehen– Libiari "Afrikako Suitza" deitzen zitzaion. Libiak Afrikan Giza Garapenaren Indizerik altuena zeukan: Munduko Osasun Erakundearen arabera herritar guztiek –errefuxiatuek barne– osasuna dohain zeukaten. Gainera hezkuntza dohainik zen eta Afrikako alfabetizatze tasa handiena zeukan.
Gaur egun milioi erdi barne errefuxiatu dauzka, eta Afrikako herrialderik arriskutsuenetakoa da.
Eritrea: errefuxiatu asko, informazio gutxi
Italiaren kolonia izan zen Eritreak 1993. urtean lortu zuen independentzia. Afrikako herririk isolatuenetakoa da. Edonola ere, herrialdearen hegoaldean Babel Mandebeko itsasartearen jabe da, Indiako ozeanoa eta Mediterraneoa –Itsaso Gorria eta Suezeko kanalaren bitartez– batzen dituen lotura estrategikoa.
Siriarren atzetik Europan asilo eskaera gehien egiten dituzte eritrearrek. Herrialdearen inguruko oso informazio gutxi dago eta komunikabideek ikuspuntu desberdinak jasotzen dituzte: BBC berriki zabaldu duen erreportaje batean Eritreako askatasun eskasen inguruan mintzo da: zerbitzu militarra urte askoan luzatzen da eta kartzela ilegalak existitzen dira.
Aitzitik, HispanTVk beste ikuspegia eman du: Etiopiaren aurkako gerraren ondoren –1998 eta 2000. urteen artean– herrialdea lur jota geratu zen. Ekonomia asko handitzen ari da, baina hala ere NBEren santzioak jasaten ditu eta horrek zailtasun asko ekarri dizkio. Wikileaksek 2009 urtean argitaratu zituen dokumentuen arabera, AEBek agindu exekutiboa onartu zuten Eritrearen aurka, herrialdea estutu egin behar dela esanez.
Iraken AEBek sorrarazitako gerrak amaierarik ez
2003an AEBek Iraken aurka hasi zuten gerrak milioi erdi hildako utzi zituen, eta 1,7 bilioiko kostua izan zuen Nazioarteko Ikasketen Watson Institutuaren txostenaren arabera. Barack Obama AEBetako presidenteak 2010ean operazio militarren amaiera iragarri arren, inbasioko urteetako politika bera darama egun. 2015ean Estatu Islamikoaren aurrekontua 2.250 milioi dolarretakoa zen. Baina nola finantzatzen da taldea?
Zenbait adituren arabera Estatu Islamikoak Irak iparraldeko hainbat petrolio putzu kontrolatzen ditu; egunero hiru milioi dolar irabazten ditu bertatik. Dirudienez, Turkiak kolaboratzen du petrolioa Europara eramaten, eta Irakeko Europar Batasuneko enbaxadoreak esan du Batasuneko zenbait herrialdek Estatu Islamikoari petrolioa erosten diotela. Bestalde, Estatu Islamikoak Irakeko gerran parte hartu zuten Europar Batasuneko herrialdeek utzitako armak ditu.
OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera Estatu Islamikoak Iraken 2014ko ekainean egin zuen lehen ofentsibaren ondorioz hiru milioi lagunek alde egin behar izan zuten. Zenbait aurreikuspenek diote zifra hori hamar milioi pertsonatara iritsiko dela, herrialdearen populazioaren herena. Soilik abuztuan Irakeko gatazkan 1.325 hildako izan dira eta 1.800 zauritu.
Tortura sistematikoa da Iraken Geneva International Centre for Justice (GICJ) erakundeak egindako txostenaren arabera. Praktika hori ez dute soilik indar publikoek erabiltzen, baita atxiloketak eta bahiketak egiten dituzten taldeek ere.
Afganistango balio geoekonomikoa
AEBek Afganistanekin duen erlazio geopolitikoa mantendu nahi du. Estrategikoki eta militarki garrantzi handia duen herrialdea da. Afganistanek bilioi bat dolarreko balioa duten mineralak dauzka. Nahiz eta tropa amerikarrak herrialdetik alde egin, Afganistanen BPGaren %90 kanpoko finantzaziotik dator, gehiena Estatu Batuetatik.
Herrialdearen %20 muturreko pobrezian bizi da eta %40 langabezian dago. Talibanek Afganistanen zati handia kontrolatzen jarraitzen dute eta atxiloketa arbitrarioak jazotzen dira. Amnistia Internazionalak adierazpen askatasunaren aurkako urratzeak salatu ditu, baita bermerik gabeko epaiketetan agindutako heriotza zigorrak ere. | news |
argia-9ee53749ac8e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/elikadura-desorekak-kirolean.html | Podiumak bultzatuta, pisua behartzeko prest | Irati Sarasua Arabaolaza | 2015-09-13 00:00:00 | Podiumak bultzatuta, pisua behartzeko prest
Gimnasia erritmikoa egiten duten emakumeen %42k izan du elikadura desorekarik bere ibilbidean. Murriztu ordez, zabaltzen ari dira halako patologiak, kirolariaren pisuak errendimendua dezente baldintza dezakeen diziplinetan bereziki. Nerabezaroan izandako arazoak azaleratu dizkigute taekwondoan aritzen den emakume batek eta gimnasia erritmikoko ikasle izandako batek.
Pisuaren arabera banatzen dituzte kategoriak taekwondoan, mini euli pisutik hasi eta pisu astuneraino. Kirolariak euren pisua behartzera bultza ditzake horrek. Edurne Garmendiak –ez da hori bere benetako izena– 29 urte ditu; 15 bat zituenean irudiaz eta gorputzaz gehiegi arduratzen hasi zen, eta janariarekin loturiko arazoak sortu zizkion horrek. Bulimia izan zuen nerabezaroan: "Inork ez zidan esaten zein pisutan egon behar nuen, neure buruari ezartzen nion presioa zen. Onenekin lehiatu nahi nuen, eta orduan hasi zen guztia".
Pisuarekiko presioa hainbat esparrutatik etor liteke; norbere barnetik edo ingurutik, taldeko kideengatik esaterako. Ez da erreportaje honetako protagonistaren kasua, baina zenbaitetan entrenatzaileak dira presioa areagotzen dutenak. Halakoak ezagutzen dituela kontatu digu Gemma Sanginés kirol psikologo bilbotarrak; emakumezko kirolari baten esperientziaz aritu zaigu: "Prestatzaileak esaten zion lodiegi zegoela, kontuz ibiltzeko, pisu gehiago ez hartzeko, denboraldia pikutara botako zuela bestela". Kirolariengan eragin kaltegarria izaten du sarri entrenatzaileak, desorekak eragin ditzake, horrelako esaldiekin ez zaie batere laguntzen.
Taekwondoa egiten duen gaztea iritzi berekoa da. "Entrenatzaileek jakingo balute nire moduko arazoak ager litezkeela... Uste dut hortik pasa ez badira ez dutela ulertzen, ez daude halako gaitzetarako prestatuta". Dioenez, batzuetan ez dute arazo gisa ikusten, edo ez dute ikusi nahi. "Kirolaria esandako mailara heltzen den bitartean ez dago arazorik. Egiten ari dena taldearentzat onena dela pentsa dezakete entrenatzaileek. Askotan beraien, instituzioen edo taldearen helburu eta interesak kirolariak dituenaren gainetik jartzen dituzte". Gaur egun, taekwondoko maila altuenetan adibidez, gauzak gaizki egiten direla esan digu. Pisu jakin bat lortzeko kirolariek janariarekin jolasten dute: "Entrenatzaileek badakite hori egiten dutela, baina ez dute galdetzen, ezikusiarena egiten dute eta kirolariak pisua lortzearekin nahikoa dute".
Emakume kirolariak dira inguruaren presioa gehien jasaten dutenak. Era berean, haiek pairatzen dituzte bereziki elikadurari loturiko gaixotasunak, gizonetan gero eta kasu gehiago agertzen ari den arren. "Oraindik ere edertasun kanonak emakumeengan nabarmenagoak dira", esan digu Aritz Olagoi kirol psikologo donostiarrak. Bere hitzetan, bulimia edota anorexia moduko nahasteak profil zehatz batekin lotzea zaila den arren, badira nabarmendu daitezkeen ezaugarriak: emakumea, nerabea eta bi kirol motetan batez ere: iraupen luzeko edo erresistentzia kiroletan batetik (triatloia, txirrindularitza…) eta kategoriak pisuaren arabera banatuta daudenetan bestetik (gimnasia erritmikoa, taekwondoa, boxeoa…).
Olagoiren ustez, iraupen luzeko kiroletan pisu gutxi izateak errendimendua hobetzen lagundu dezakeenez, tentuz jokatu behar da. "Energia asko erre behar duzu, eta halako gatazka bat sortzen da. Kaloria asko behar dituzu, gero entrenamenduetan asko erretzen duzulako, eta harreman hori nolabait hausten bada, edo modu egokian eramaten ez bada, arazoak sortzen dira".
Halako gaixotasunak medio, errendimendua jaitsi egiten da. Arazoa garaiz detektatzen lagun dezakeen zantzuetako bat hori izan litekeela dio psikologo donostiarrak. Sanginesek jarrerari loturiko aldaketak ere ikusten ditu zantzuen artean: "Kirolariarengandik hurbil bazaude jokaeran aldaketa handiak ikusi ditzakezu; tristura, depresioa eta autoestimu falta, besteak beste". Ondorengo esaldiak aurki ditzakegu: "Ez naiz ona, ez nago ondo, ez dut nire burua ongi ikusten, lodia nago"...
Taekwondoa egiten duen gazteari hori gertatu zitzaion: "Kirol arloari dagokionez, ez nengoen egoera onean likido faltagatik arazo batzuk izan nituelako, karranpak-eta. Gainera, pertsonalki ere ez nintzen ongi sentitzen nire buruarekin. Senide asko gara, familia handi bateko kide naiz, eta inoiz pentsatu izan dut bertan egotea ere ez nuela merezi". Ez dio sekula inori kontatu nerabezaroan gertatu zitzaiona, ez etxekoei, ezta taldekideei ere: "Ez dakit nire senideek badakiten, ez dakit nire amak badakien… Gauzak ongi egiten dituzula pentsatzen duzu, uste duzu ongi ezkutatzen duzula gertatzen ari dena. Baina agian jakitun dira, beti iristen baita gauzak hainbeste ardura hartu gabe egiten dituzun momentua, egitea ez egitea baino garrantzitsuago bihurtzen den unea. Ez didate inoiz galdetu ea ondo nagoen, eta ea nola den posible egun dudan pisua izanda, pisu gutxiagoko maila batean lehiatu nahi izatea". Hori kirolariaren erabakia dela erabat onartuta dago taldeetan. "Eurak zein mailatan parte hartu nahi duzun galdetzen dizute, eta zuk zeuk erabakitzen duzu. Horra heltzeko egin behar duzuna zure kontua da".
Bulimiaren kasuan, gaixoek elikaduraren gaineko kontrolik ez dutela argi ikusten da, Sanginesen arabera: "Gehienetan, haien ondoan bazaude, kontrolik gabe jaten dutela ikusten duzu, normalean oso azkar, eta gero ihes egiten dutela". Sarri, pertsona horiek itxi egiten dira eta bakardadea bilatzen dute. Elkarrizketatu dugun neskak hala ikusi zuen bere burua, baina hortik ateratzea lortu zuen. "Ezin nuen gehiago". Bazekien bere buruari min egiten ziola eta ezin zuela horrela jarraitu. "Kirola egin nahi banuen, benetan ongi egon eta lehiatu nahi banuen, ezin nuen etxean nor ote zegoen, jan ostean komunera noiz joan ahal izango nuen edota zertan ari nintzen ez entzuteko ur txorrota ireki behar nuela pentsatzen egon. Ez da irudi polita zeure burua komuneko lurrean etzanda ikustea". Egun batean hori guztia amaitzea erabaki zuen, "txorakeriak" albo batera uztea. "Zortea izan nuen, konturatu egin nintzen".
Tabua gainditu eta prebentzioan eragin
Janariari loturiko gaixotasunak oraindik tabua dira kirolean. Elkarrizketatutako bi psikologoek eta kirolariak bat egiten dute horretan. Sanginesek dioenez, edozein kirolarik lesio bat izatean ez da ezer gertatzen hori publiko egiteagatik. Aldiz, halako desoreka bat izatea oraindik tabua da, gaizki ikusia dago, gaixotasun psikologikoa delako. "Tabua denez ez da ikusarazten eta tratatu ordez ezkutatu egiten da". Olagoik gaineratu duenez, "nekez ikusten da kirolari bat prentsaurreko batean onartzen, halako arazo baten ondorioz, ez dela lehiatuko denbora tarte batean".
Arazoaz mintzatzea, baina, funtsezkoa da. Edurne Garmendiari "izugarri" lagundu zion bere psikologoarekin hitz egiteak: "Bizitza salbatu dit". Pentsatzen du kirolean dabilen orok laguntza psikologikoa jaso beharko lukeela, norberak bere burua ulertzeko bidea delako hori. Iruditzen zaio pixkanaka zentzu honetan pausoak eman direla, gero eta kirol psikologo gehiago daudela, eta gaiaz hitz egiteko aukera gehiago daudela, oraindik nahikoa ez bada ere.
Bide luzea egin du 15 urte zituenean gertatutakoa atzean uzteko, baina argi du oraindik ez duela pisuarekiko arazoa gainditu. Ez ditu erabaki berdinak hartzen, baina badaude obsesionatzen ari dela pentsatzera daramaten momentuak ere. "Batzuetan pentsatzen aritzen naiz: orain ezin dut jan hemendik denbora batera pisua eman behar dudalako, orain jaten badut bihar baskulako pisua ez da izan beharko litzatekeena izango…". Gaur egun, ordea, gertatzen ari denaz jabetu eta ahal bezain ondoen aldatzeko mekanismoak ditu. Pentsamenduek hor jarraitu arren, helduagoa da, informazio gehiago du.
"Tabua gainditu beharra dago", dio Sanginések: "Ez badugu armairutik ateratzen, ez dugu behar bezala ikertzerik izango; jendeak ez badu onartzen, zaila izango da arazoa gainditzeko urratsak ematea". Prebentzioan jartzen du fokua berak. Sintoma eta ondorioak azaleratu beharko lirateke: "Txikitatik azaldu beharko litzateke zer gertatu daitekeen eta zeintzuk izan daitezkeen janariarekin 'jolastearen' ondorioak".
Prebentzioa eta formazioa dira gaixotasun hauek borrokatzeko giltzak, Aritz Olagoi psikologoaren ustez ere. Formazioak bi osagai hartu behar ditu aintzat: elikadura eta errendimendua, "arriskua bikoitza delako kirolarien kasuan".
15 urte zituenean informazio nahikoa ez zegoela esan digu kirolariak. Baita urteotan esparru horretan urrats handiegirik ikusi ez duela ere. "Gizarteratu egin beharko litzateke. Egia da, nik, adibidez, oraindik lotsa sentitzen dudala hau onartzean, baina beste batzuei gauza bera ez gertatzeko bidea da hau". Heziketari berebiziko garrantzia ematen dio eta, horretarako, gurasoekin ere lan egin beharko litzateke: "Gurasoak dira etxean janaria prestatzen dutenak, mahaian daudenak, eta eurak konturatu behar dira gertatzen denaz".
Pertsonen ordez, txapeldunak
Gaixotasun hauek kirolean izan duten bilakaeraz galdetuta, guztiek ideia berarekin egiten dute bat: gero eta gazteago hasten dira halako arazoekin, eta lehen bereziki emakumeetara mugatzen bazen ere, orain gizonetara ere zabaldu da, iraupen luzeko kiroletan batez ere. Datu bat ematearren, gimnasia erritmikoa egiten duten emakumeen %42k izan du halako gaixotasunen bat bere ibilbidean. Ia erdiak, alegia.
Adinari dagokionez ere, esan bezala, gero eta gazteago hasten dira halako desorekekin. Azken urteotan, lehiaketetan parte hartu ahal izateko adina jaisteak eragina du, ezinbestean. "Goi mailan ez egon arren, pisuaren kontua lehiaketarekin loturik dagoenez, 10 urterekin txapelketetan parte hartzen hasteak eragiten du", nabarmendu du Sanginések. "Epaileek estetika, gorputza eta gorputzaren oreka neurtzen dituzte. Puntuaketan edo ondorioetan zenbaki bat du, ondorioz aldagai garrantzitsu bihurtzen da, eta esfortzu bat egiten da hori lortu ahal izateko".
Beste kirolari batzuekin hitz egindakoagatik arazoa handitzen ari dela uste du Garmendiak. Presioa gero eta handiagoa dela pentsatzen du, lehen norberak bere buruari jarritakoa zela, eta azken urteotan inguruaren presioa hazten ari dela. "Nire gurasoek gertatzen zena momentuan jakin izan balute, errieta egingo lidakete. Egun gurasoengandik ere badator presioa". Seme-alabak munduko txapeldun ikusteko esperantzaz gurasoak beste alde batera begiratzeko prest daudela uste du berak. Azken urteotan arazoari garrantzia kendu zaiolakoan dago, eta egoerak berdin jarraituko duela baldin eta prestutasunik ez badago lehiaketen eraginez halako gaixotasunak zabaldu direla onartu eta zerbait egiteko. "Egun, normala da gurasoak batetik, eta entrenatzailea bestetik, seme-alabak lehiatzen ari diren bitartean oihuka ikustea". Gurasoek seme-alaben lehiaketak konpetizio moduan ikusten dituztela dio, haurrak jolasean eta ongi pasatzen ari direla pentsatu ordez. "Pertsonen ordez, txapeldunak nahi ditugu". | news |
argia-8e0c71ab9f8c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/nola-bihurtu-ekosistema-oraingoz-puzzlea-dena.html | Nola bihurtu ekosistema oraingoz puzzlea dena | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-09-13 00:00:00 | Nola bihurtu ekosistema oraingoz puzzlea dena
Pasa dira gaizkiulertuak, murrizketak, dimisioak, paralisia, obrak eta beste hainbat gorabehera: aste honetan zabalduko ditu ateak Donostiako Tabakalerak, kulturgune dinamiko izateko asmoz. Ontzia edukiz beteko duten erakundeen aukerak aztertu ditugu.
2015ean bai, azkenean Donostiako Tabakalerako makinak dena emanda hasiko dira lanean: irailaren 11n zabalduko ditu ateak publikoarentzat, bost axola egun horretako asturu txarreko efemerideak. Kointzidentziak hor bukatzen ez diren arren: hain justu, bi hegazkinek New Yorkeko dorreak jo zituzten urte berean hasi zen tabako fabrika kulturgune bihurtzen hasteko ibilbide nekosoa. Hamalau urte pasa dira Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eraikina berreskuratzea adostu zutenetik. 2004an erosi zuten edifizioa eta hasi ziren proiektua definitu nahian. Geroztik kontuak eman dituen bueltak esplikatzeko, aldizkari honen orrialde guztiekin ez genuke aski. 2007ko ARGIA batean irakurtzen zaio orduan proiektuko zuzendari zen Joxean Muñozi: "10 urteko epea batez bestekoa da horrelako proiektu bat martxan jartzen denean. (...) Dirua publikoa bada, are konplexuago da". Ez esan inork ez zuenik abisatu.
Itxarongelako denbora amaituta, dena ez da kolpean etorriko, pausoka hasi dira Tabakalera izango dena jendaurrean aurkezten. Ateak ireki baino 10 egun lehenago kulturgune berriko "ekosistema kulturala" presentatu zuten, oraingoz parte hartzea konfirmatu duten erakundeetako ordezkariekin. Zinemaldia, Etxepare Institutua, Zineuskadi, Euskadiko Filmategia eta Kutxa Fundazioa izango dira tabako fabrikako maizter, eta horiekin batera Donostia 2016 ere azaldu zen kazetarien aurrera, nahiz eta ez duen fisikoki Tabakaleran lekurik hartuko –Easo kaleko suhiltzaileenean laketuta dago Kultur Hiriburua–.
Agerraldiko hitza: sinergia. Eraikin berean elkartzea baino gehiago nahi dutela diote, proiektu amankomunak sustatuko dituztela Tabakalera edukiz betetzeko. Hori bai, oso izaera diferenteekin eta egoera nahiko desberdinetan iritsi da bakoitza Egiara. Lehen kolpean, Euskadiko Filmategiak dirudi etxez aldatzearen onuradun nagusia: aspalditik dauka zaharberritzeko beharra, artxibo bat baino askoz gehiago ez izatetik –eta ez oso erosoa, bertan lan egin behar izan duten ikertzaileek diotenez–, lau hamarkadatan bildutako ondarea publikoarentzat programatzeko modua izango du hemendik aurrera, beste herrialde batzuetan egiten duten moduan –Kataluniakoa izan daiteke gertuko adibide bat–. Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek "bigarren jaiotza" gisa deskribatu du Tabakaleran hasiko duten fasea.
Hilaren 18an abiatuko den 63. edizioan bertan probestuko ditu eraikinaren aukerak Zinemaldiak. Zabaltegi saileko filmak ikusi ahalko dira bertan, eta festibalaren bulegoak ere hara eraman dituzte, jaialdia martxan dagoenean lehengo egoitzan, Victoria Eugenia antzokian, lekua erreserbatuta duten arren. A priori , nazioarteko zinema jaialdiak filmategiarekin eta Zineuskadirekin elkarlanean bide berriak urratzeko aukera izan dezakeela dirudi, ikus-entzunezkoen triangelua osatuz. Zinemarekin lotutako ekintza osagarriak izan daitezke azalera berriaren aukeretako bat.
Ahokatzeko zailak diren piezak
Bestelakoa da Etxepare Institutuaren eta Kutxa fundazioaren egoera. Euskal kultura atzerrian hedatzeko misioarekin jaio zen erakundea da Tabakalerako bizilagunen artean ibilbide laburrenekoa, azken lau urteetan ipar argirik gabe lan egin du, bereziki alor akademikoari garrantzia emanez; eta erakundearen beraren atzerrira begirako ikuspegiak zalantzak sortzen ditu Donostiako eraikinera hurbiltzen den herritarrari eskaintzeko edukiko dutenaz. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak El Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan esan zuenez, orain arte euskal kulturaren "joaneko bidaiak" zirudien garrantzitsua euren jardunean, baina Tabakalerak "itzulerakoa" ere kontuan hartzeko aukera emango die. Nola, zehazteke dago.
Azkena baina ez herrena, Kutxa Fundazioa: 13 milioi euroko ekarpenarekin sartu da Tabakaleran eta azalera inportantea hartu du eraikinean, laugarren solairua. Urte askotako tradizioa daukaten Kutxa Ikasgelek beteko dute leku hori. Azken urteetan Igeldon antolatzen duten musika festibalaren bidez ezaguna egin den Kutxa Kultur marka indartzeko ere probestuko dute edifizio berria. Beste erakundeekin sinergietarako prest daudela adierazi du Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko presidenteak, baina programazioan bere erakundeak daukan "berezko pertsonalitatea" nabarmendu du prentsarekin hitz egin duenean.
Lokal enblematiko pare bat saldu ondoren iritsi dira Tabakalerara: Donostiako Bulebarreko aretoa –orain Burger King bat– eta Arrasate kaleko zinema gela. Aste honetan estreinatuko den eraikinera aldatuta eta eskaintza kulturala bertan kontzentratuta, Kutxak asko irabaz dezake mota honetako jarduerek gizartearen aurrean ematen duten legitimazio sinbolikoan. Besterik da, hori lortzeko bidean kulturarako pentsatutako ondare publikoa nola pasa den esku pribatuetara bestelako eztabaidarik gabe. | news |
argia-79b120be3016 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/txatxilipurdi-aisialdi-elkartea.html | Erabakimena haurrei itzultzen diegunean | Mikel Garcia Idiakez | 2015-09-13 00:00:00 | Erabakimena haurrei itzultzen diegunean
Zer gertatzen da aisialdiaren eta herriaren antolakuntzan haurrei parte hartzeko eta erabakitzeko aukera ematen zaienean? Lau pareta arteko jarduna apurtu eta kaleak jolaserako berreskuratzen direnean? Heziketan herritar guztiak inplikatzen direnean? Norabide horretan dihardu Arrasateko Txatxilipurdi haur eta gazteen aisialdi elkarteak. Taldeko Amaia Etxabe Goikoetxea, Aizpea Otxandiano Madinabeitia eta Mireia Baz Mangana hezitzaileekin bildu gara.
Bizitza gutxi duen auzo batean jarri zuen martxan esperientzia Txatxilipurdik: bertako ludotekako haurrei galdetu zieten ea nolakoa nahiko luketen izatea aurreko plaza. Haur bakoitzak marrazki bidez irudikatu zuen, gero kideen marrazkiak bozkatu zituzten gometxen bidez, eta tirolina eta labirintoa zituen irudia izan zen bozkatuena. Udalarekin eta auzokideekin hitz egin, eta labirintoa eraikitzeari ekin zioten haur, guraso eta auzokideek. "Hilabetez izan genuen labirintoa plazan, festa egun bat ere antolatu genuen eta egun horretarako tirolina muntatu genuen. Ikusgarria izan zen, zelako gauzak lor daitezkeen umeen ideietatik sortuak eta umeekin batera eraikiak. Prozesu guztian haurrak izan ziren protagonista (erabakietan, materialen aukeraketan, eraikuntzan…) eta gure arteko harremanak garatzeko modua oso aberasgarria izan zen", kontatu digu Aizpea Otxandianok.
Adibideak ondo laburbiltzen du Txatxilipurdiren aisialdi eredua: "Aisialdi eredu askea lantzen saiatzen gara –dio Amaia Etxabek–, haur eta gazteen autonomia garatzen, euren beharretatik abiatuta eta euren aisialdia autoantolatzeko tresnak eskainiz. Aisialdi parekidea izatea nahi dugu, horizontala (hierarkiarik gabea), inklusiboa, komunitate baten baitan eta komunitate batekin harremanetan, ingurune naturala eta kulturala zaintzen duena, eta euskaraz".
Haurren benetako parte-hartzea, asanblada bidez
Haurren benetako parte-hartzea bermatzea da Txatxilipurdiren oinarri nagusietakoa. Ludoteketan, adibidez, ez da eguneko egitaraua zehazten, haurrei galdetzen zaie zer egin nahi duten denbora tarte horretan eta asanbladatan bilduta denon artean erabakitzen dute, haur, gazte eta heldu (3-12 urte arteko haurrak daude hezitzaileekin), adin nahasketak ematen duen aberastasuna baliatuz. "Hasieran, ohitura faltagatik, kosta egiten zitzaien haurrei, helduak zer esango zain zeuden –azaldu du Otxandianok–, baina poliki-poliki, dinamika bereganatu ahala, ekintzak proposatzen hasi ziren eta interesgarria da ez dituztela bakarrik euren gustuko gauzak proposatzen, inguruko kideak ere hartzen dituzte kontuan. Proposamen zentzuzkoak dira, aurrera eramateko modukoak, eta oztopoen aurrean ez dira gure moduan frustratzen; trabaren bat dagoela? Bada, beste era batera egingo dugu". Haurrak bakarrik ez, helduok ere ez gaude ohituta, gaineratu du Etxabek, "eta gure rola berrikusi behar izan dugu. Haurrari hitza eman, entzun eta elkarlanean murgiltzeko prest egon behar duzu. Benetako parte-hartzean maila berean gaudelako denok, eta elkarri entzuteko eta elkarrekin aritzeko prest egon behar dugu".
Parte-hartze prozesuon emaitza dira, besteak beste, Otxandioko ludotekan eraiki duten etxetxoa, Arrasateko eszenatokia, beste ludoteka batean lantzen ari diren baratzea edota herriko plaza eraldatzeko hainbat lekutan sortu diren ekimenak. Haurraren kulturaz mintzatu zaigu Mireia Baz: "Umeak, jaiotzen den unetik du mundua ikusteko eta bizitzeko modu bat. Helduok gaitasun hori aitortu behar diogu, mundua ikusteko bere erari oztopoak jarri ordez".
Beldurraren gizartetik kalea birkonkistatzera
Eremu itxi batetik bestera autoz eramaten ditugu haurrak, beti helduen zaintzapean, errepidez josi ditugu herriak eta debekuz bete plazak (baloiarekin jolasteko, patinetan aritzeko…). Beldurraren gizartean bizi garela diote elkarrizketatuek, helduok ditugun beldurrak transmititzen dizkiegula haurrei, eta gure beldurrek euren garapena mugatzen dutela. "Segregatuta bizi gara, kolektibo bakoitza bere eremuan, eta gainera espazio itxietan; sentsazioa dugu hortik kanpora dagoena arriskutsua dela –uste du Etxabek–. Mezu hori, beldur hori zabaltzen doa, handitzen, baina herria gurea ere bada, haurrena, gazteena, emakumeena, etorri berriena… Denona. Goazen herria birkonkistatzera eta denona egitera. Batzuek atzerapausoak eman beharko dituzte beste batzuen mesedetan: adibidez, autoei emandako espazioa zerbait mugatu beharko dugu plaza batzuk bizikletentzat uzteko". "Aitonak kontatzen dit nola txikitan bakarrik irteten zen etxetik, auzoan jostatzen zen beste umeekin… baina gaur egun ez dago umerik kaleetan! Horri buelta eman eta denok seguru sentiaraziko gaituen herri askea sortu behar dugu", aldarrikatu du Otxandianok.
Horretan hasiak dira dagoeneko: ludotekako paretak gainditu eta kalera irten dira Txatxilipurdiko aisialdi taldeak, jolaserako eta euskararako espazioak berreskuratu asmoz. "Eta ludoteka ireki dugunean konturatu gara istripu gehiago bizi ditugula barruan gaudenean, kanpoan gaudenean baino", adierazi du Bazek. Gainera, praktikak erakutsi die eremu itxietan ematen diren harremanak askoz gatazkatsuagoak direla: "Ludoteka itxian, egun horretako umorearen arabera, istilurako prest egon gaitezke, baina pareko plazara atera eta denok askoz lasaiago gaude", dio Etxabek.
Jolasa, garapenaren funtsa
Haurrek jolastu ahal izatea nazioartean aitortua dagoen eskubidea izateaz gain, umeen garapenerako ezinbesteko tresna dela azpimarratu dute hiru elkarrizketatuek: jolasaren bitartez lantzen direlako autonomia, gatazkak konpontzeko gakoak, norberaren mugak non dauden, norbere buruarekiko konfiantza… Horregatik, eguneko zereginak egin ondoren denbora librea izanez gero egiten den jarduera izan ordez, jolaserako tartea hartzea aldarrikatzen dute. Eta jolastea da zikintzea, igotzea eta jaistea, salto egitea… "Horrek denak garapen emozional eta psikomotorean sekulako eragina dauka; horregatik da jolasa gizakion behar biologiko bat", nabarmendu du Bazek.
Jolasa bera, ordea, kontrolatu nahi izaten dugu maiz helduok, eta jolasgune estandarrak, jostailu jakinak eta jolas bideratuak nagusi dira gure inguruan. "Umeari dena eginda ematen badiogu, ume horrek ez du sormena landuko. Zer esanik ez, telebista aurrean jarrita baldin badugu. Aldiz, umea kalean jolasten badabil, kaleak eta naturak eskaintzen dizkion baliabideekin (jolasa ez dagoelako derrigor jostailura lotuta), ume sortzailea izango da", dio Otxandianok.
Haurrek beraiek antolatu eta erabaki ditzatela jolasak, pertsona askeak, autonomoak eta parte-hartzaileak izan daitezen. Helburu horretan, hezitzaileak antolatzaile izatetik bidelagun izatera pasa direla diote elkarrizketatuek. Harremanak egiteko, lantzeko eta garatzeko moduan eta enpatian omen dago gakoa. "Hasieran ni neu nintzen oztopoa –onartu digu Bazek–. Umeak kalera atera? Zer esango dute gurasoek?... Baina gero, aldaketak egiten zoazen heinean, etengabe ikasten eta konfiantza hartzen zoaz. Batzuetan etxera bueltatu eta sentsazioa da gaur ez dudala ezer egin, ohituta gaudelako emaitza eta lorpen fisikoetara, baina egitasmoetan politena da nolako harremanak ematen diren, emozioak zelan lantzen diren, adin tarte ugaritako eragileen sareak nola osatzen diren… Elkar elikatzen eta ikasten dugu".
Herri Hezitzaileen Sarea, denon herria eraikitzen
Bidean, antzerako gogoetak dituzten Euskal Herriko beste eragile ugari aurkitu ditu Txatxilipurdik. 2012an hasi ziren biltzen eta 2015eko urtarrilean aurkeztu dute euren burua: Oinherri Herri Hezitzaileen Sarea. Hamahiru eragile daude atzean (Txatxilipurdi, Irrien Lagunak, Lizarra eta Iruñeko haurreskolak, Hik Hasi, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Topagunea, Sorguneak, Ikastolen Elkartea, Tabakalera, Amarauna, Kukumixo, Urtxintxa Bizkaia, Ttakun) eta hamabi herri batu zaizkie oraingoz: Soraluze, Agurain, Arrasate, Egiako auzoa, Otxandio, Baigorri, Baztango herriak eta Dima. "Haur, nerabe, heldu… Herritar guztiok aitortzen gaituen herria da herri hezitzailea, herritar guztiok hezitzaile garelako, denok gara balore transmisore, eta horretaz jakitun elkarrekin eraikitzen dugu herria, guztion ongizatea helmuga", deskribatu du Etxabek. Francesco Tonucci pedagogoaren ideiak dira abiapuntua (euskaraz eskuratu daiteke Tonucciren Haurren hiria liburua): finean, haurren beharretan oinarritzen den eta horren arabera antolatzen den herria, herritar guztien beharrak asebeteko dituen herria izango da.
Oraindik hastapenetan daude, baina badira esperientzia aipagarriak, "euren txikitasunean oso handiak": Oarsoaldean OarsoIrriak egiten ari den lana nabarmendu dute, Sopelako jaietan haurrek euren gunea eraikitzeko buruturiko ekimena, Lakuntzan ume eta helduek elkarlanean eraldatutako jolas-parkea… Teoria eta praktika uztartzen dituzten bost liburuxka ere kaleratu ditu Oinherrik: Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen; Nola sustatu haurren parte-hartzea ikuspegi feministatik; Nola egin udaleku parte-hartzailea; Nola egin ludoteka parte-hartzailea eta Parkeak bizitzeko modu berriak .
Otxandianoren hitzetan, "duela urte batzuk, umeak heztea gurasoen, eskolaren, auzotarren… gauza zen, baina gaur egun, norbera baino ez da bere seme-alaben hezitzailea, eta ondokoak ez du zer esanik umeak zerbait egiten duenean. Heziketa, ordea, denon ardura da, uneoro ematen da, eta herri hezitzailearen bideak hori behar luke". Amaia Etxabek garbi du: "Etxea, eskola eta aisialdia. Herriak izan behar du hiru ardatz horien topagunea. Eta herri hezitzailea hirurekin eraikitzen da. Osagarriak dira eta norabidea partekatzea inportantea da, ez daitezen bide ezberdinetan galdu".
Ezker-eskuin: Amaia Etxabe, Mireia Baz eta Aizpea Otxandiano. | news |
argia-0ae771451dda | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/sagar-urtea.html | Sagar urtea | Jakoba Errekondo | 2015-09-13 00:00:00 | Sagar urtea
Aurrera-atzera honetan, aurtengo uda hau xelebrea doa, bada. Fruituen urte berezia. Tomateak eta piperrak ez dira makal ari, eman eta eman. Itxura kaskarrena lekei eta babarrunei sumatzen diet; udak aurrera eta egun argiak atzera ahala hobetu direla badirudi ere. Horietan ondoena, ia urteroko legez, izalegez edo naturalegez, artoarekin batera bizi diren babarrunak. Eta sekulako sagar urtea da. Adi, ordea, sagardoa egin nahi duenak, beste urteen aldean goiz dator sagarra, hiru bat aste lehenago; batez ere, barrualdeko sagastietan.
Geurean sagar urte oparoa bada ere, Europan bestelakoa diote. Aurtengo sagar uzta iazkoa baino apalagoa izango da. 2013tik 2014ra %15 hazi zen sagar uzta eta 2014tik 2015era %5 inguru uzkurtuko da. Bertakoak estimu hobea izango ahal du. Hamabi milioi tona eskas sagar bilduko ote diren kontuak aipatu dituzte Italiako Meranon duela hilabete inguru bildutako WAPA, Sagarraren eta Udarearen Munduko Elkartearen bilkuran. Kontu horiek guztiak Europar Batasuneko 28 estatuei buruzkoak dira. Europan gehien ikusiko diren aldaerak hauek dira: Golden Delicious, 2,5 milioi tona; Gala 1,3 milioi tona; Idared, 1,1 milioi tona; eta Red Delicious, 0,6 milioi tona. Suitzan, Estatu Batuetan eta Kanadan ere behera egingo omen du aurtengo sagarraren emanak; Ukrainan, Txinan eta Errusian berriz, gora.
Euskal Herrian erdipurdi gara; etxeko datuak ezean, hona kanpotik begiratzen gaituztenenak: Espainian sagar uzta jaitsiko dela badiote (milioi kilotan, 505etik 486ra), Frantzian igo egingo omen da (1.444tik 1.594ra). Klimaren laguntza gozoari esker, kalitate onekoa izango omen da aurten sagarra, eta kalibre ederrekoa. Sagardoa kanpoko sagarrarekin egiten dugunok atzea nola dantzatu asmatzera jartzen ahal gara! Hori bai, hurrengo txotx denboraldiaren irekiera ekitaldi urardotuan, aurtengo sagardoa ona edo oso ona dela esanez etorriko zaizkigu; sagardo gaineko bitsetan, lasaipoto asko. | news |
argia-469e4ab40bf3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/herritarren-konpromisoa-txantxitan-neurtzen-da-onatin.html | Herritarren konpromisoa txantxitan neurtzen da O�atin | Lander Arretxea | 2015-09-13 00:00:00 | Herritarren konpromisoa txantxitan neurtzen da O�atin
Oñatiarra da Amaia. Larunbatero gisan Aldapa tabernan geratu da lagunekin, eta etxerakoan, ogia erosi du Errota okindegian. Baina ez du, ohi bezala, eurotan ordaindu, ezta txartelarekin ere. Asteazkenean truke bulegoan lehenengoz hartu zituen kolore biziko billeteak erabili ditu: Oñatiko moneta soziala diren txantxiak. Lehenengo aldia izan da; ez da azkena izango ordea. Erosterako orduan txantxi bakoitzak euro banaren balioa badu ere, trukea egiten duenean %5eko hobaria ematen diote: 100 euro trukatuz gero, 105 txantxi. Denera, sei billete desberdin daudela jakin du: 20, 10, 5, 1, 0,5 eta 0,10 txantxiri dagozkionak, Oñati eta inguruko leku adierazgarrienen irudiekin.
Hiru hilabeteko epean erabiltzen ez baditu, txantxiak eguneratu egin beharko ditu balioaren %3 galduz. Baina badaki ez zaiola horrelakorik gertatuko, ohiko 91 saltokitan onartzen baitituzte: iturgintza enpresetan, harategietan, ile apaindegietan, liburu-dendetan…
Merkataritza txikiari bultzada
Enpresa haietako baten jabea eta arduraduna da Miren. Txantxia martxan jarri zen unetik bertatik erabaki zuen atxikimendua ematea, Oñatiko merkataritza txikia laguntzeko neurriak ezinbestekoak zirelakoan. "Horrelako neurririk ezean, Oñatin sortzen den diruaren zati handi bat kanpoan xahutzen da". Oraindik erosleen gehiengoak ez du txantxirik erabiltzen, baina nabari du pixkanaka gero eta jende gehiagok eman duela pausoa, eta piztu dituela hainbat hausnarketa tokian tokiko kontsumoaren garrantziaz. Txantxiak nahi duenean alda ditzake euroen truke, baina %3 galtzen du hala eginez gero. Horregatik, ahal duenetan atxikimendua eman duten beste merkatariei behar duena erosteko erabiltzen ditu.
Gizarte ekimenetarako diru-funtsa
Mirenek eta gainontzeko merkatariek txantxiak eurotara trukatuz gero erauzten zaien %3 horrekin, gizarte ekimenetara bideratzen den diru-funtsa osatzen da. Aurkezten diren proiektuen artean, merkatariak eurak dira diru hori zertarako erabiliko den erabakitzeko aukera dutenak. Halaber, txantxia bera mantentzeko ezinbesteko gastuei ere funts horrekin egiten zaie aurre.
Udaletik bertatik, aurrera begira ahalegina egiten ari dira moneta sozialak gero eta bide sakon eta oparoagoa izan dezan. Horretarako, sariak txantxitan ematen dituzte, besteak beste, eta hainbat enpresek langileei soldataren zati bat txantxitan ordaintzea ere ari dira sustatzen. | news |
argia-50c7c4c7dabc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2474/schaublek-greziarren-aurretik-alemanak-ere-zukutu-zituen.html | Sch�ublek greziarren aurretik alemanak ere zukutu zituen | Pello Zubiria Kamino | 2015-09-13 00:00:00 | Sch�ublek greziarren aurretik alemanak ere zukutu zituen
25 urteko tartearekin, Europa astindu duten bi gertakizun nagusitan protagonista izan da Wolfgang Schäuble ministro alemana. 1990eko hamarkadan Eki Alemania kapitalismoan murgilarazteko operazioa kudeatu zuen. Uda honetan Greziako herritarrei erreferendum itxaropentsu baten emaitza irentsarazi die. Ez da kasualitatez gertatu.
Schäuble gorrotatzea erraza da Europako herritar askorentzako. Greziarrei beren nahiaren kontra hirugarren memoranduma inposatu dion Europar Batasuneko elitearen ordezkari geratu da historiarako. Bistakoa den arren indar eta pertsona askoren erabakia izan dela, greziarrak pobreziara kondenatu eta europar guztiei murrizketa basatiak ezarri dizkien Troikaren aurpegia da Schäuble, erreferendumaren aurretik negoziaketen beroan Yanis Varoufakis ministro greziarrari aulki gurpildunetik mehatxu egiten ikusi genuen gizona.
Doixtarren eta zehazki Schäubleren jokabide gogor eta erruki gabea ulertzeko, Alemaniatik Europara zabaldu den ordoliberalismoa aipatu dute Le Monde Diplomatique n François Denord eta Pierre Rimbert soziologoek eta Rachel Knaebel kazetariek: "Ordoliberalismo alemana, burdinazko kaiola Europarentzako".
1930eko hamarkadan sortua, Freiburgeko Eskola ere deitu zaio, hiri hartatik zabaldu zelako. Schäublek sarritan oroitarazten du hiri hartan jaioa dela. Latinezko 'Ordo' (ordena) izena eman zioten beren aldizkariari liberalismoaren barruko korronte hau sortu zuten ekonomialari eta pentsalariek. Alemanez 'ordnung' hitza darabilte 'orden', 'araudi' edo 'diziplina' esateko. Bitxikeria moduan, Ordnung deitzen diote beren araudiari Amish eta Menonita kontserbadoreek, idatzi gabe ere kide guztiek derrigor ezagutu eta errespetatu behar duten arau sailari. Hortik doa kontua, nola bermatu ekonomia kapitalista liberalaren ordena eta diziplina.
"Anglosaxoiek –diote Denord, Rimbert eta Knaebelek– laissez-faire aldarrikatzen duten bezala, ordoliberalek ere arbuiatzen dute Estatuak merkatuan esku hartzea. Baina, hauek uste dute konkurrentzia librea ez dela berez garatzen. Ondorioz, Estatuak antolatu egin behar konkurrentzia: merkatuaren eremu juridiko, tekniko, sozial, moral eta kulturazkoa eraiki behar ditu. Eta arauak betearazi. Horra zer den 'ordopolitika' ( Ordnungspolitik )".
Grezian uztailean egindako erreferendumaz aritzerakoan, beraz, joko politikoaren bi ikuspegi zeuden aurrez aurre. "Buruzagi greziarrek uste izan dute herritarren botoek nagusitasuna daukatela kontabilitate ekonomikoaren gainetik eta hautatutako agintariek badaukatela ahalmena arauak aldatzeko. Aldiz, [alemanen iritziz] gobernuaren jardunak egon behar du ordena zorrotz zaintzearen mende; politikariek nahi duten moduan jokatu dezakete baldin eta ez badira irteten markotik, eta marko hau de facto eztabaida demokratikotik kanpo dago. Finantzen ministro aleman Wolfgang Schäublegan mamitzen da pentsakera hau. 'Beretzako arauek jainkozko izakera daukate' idatzi du Yanis Varoufakisek".
Hainbesteraino bilakatu da ordoliberalismoa establishmentaren ortodoxia, ezen eta Der Spiegel astekari liberalak uztailaren 6an publikatu baitzuen: "Inork nahi baldin bazuen frogatu zein arriskutsuak diren erreferendumak demokrazia modernoentzako, horra froga". Ohartzerako, ordoliberalismoa [ikusi Baleren Bakaikoaren azalpena argia honen 18. orrialdean] sagaraturik geneukan Europa osoan: lehenik merkatu kapitalista, horren baitan demokrazia.
Treuhand: pribatizazioen porrota
Baina Freiburgeko eskolako zaindari baino gehiago da Wolfgang Schäuble, Dirk Laabs kazetariak oroitarazi berri duenez, ingelesez The Guardian en, gaztelaniaz Sin Permiso n: "Zergatik da hain gogorra Alemania Greziarekin? Mende laurdenez atzera eginda".
Dirk Laabsek plazaratuta dauka liburu bat Eki Alemania Mendebaldekoan integratzeko egindako bideaz: "The German Gold Rush: The True History of the Treuhan" (Alemanian denak urre bila ero moduan: Treuhan erakundearen benetako historia". Greziari bortxaz onartarazi zaion itunean aipatzen denez ondasun publikoak salduz 50.000 milioi euro lortu eta zorrak kitatzeko erabili beharra, Laabsek kontatu du mekanika bera erabili zuela Schäublek duela 25 urte Eki Alemaniako ondasunak likidatzeko.
1990eko udan bera zen, Schäuble, Alemania bateratzeko batzordearen buruetakoa, Helmut Kohl kantzilerraren esku eskuina. Eki Alemaniako egoera, dio Laabsek, ez zen Grezian Syrizak irabazitakoan zegoenaren hain ezberdina. Herritarrek historiako lehenbiziko hauteskunde libreak burutuak zituzten, Berlingo harresia erori berria, eta beren ordezkarietako batzuek amesten zuten Ekialdeko sistema sozialistaren eta mendebaldeko merkatu ekonomiaren arteko "hirugarren bidean", baina ezin zuten asmatu fakturak nola pagatu.
"Aldiz, mendebaldeko alemanek, negoziaketa mahaiaren beste aldean, indarra zeukaten, dirua eta plan bat: Eki Alemaniako estatuak zeukan guztia Mendebaldeak bereganatuko zuen eta berehala salduko zien inbertsiogile pribatuei. Beste hitzetan esanda: Schäublek eta bere ekipoak bermeak nahi zituzten".
Treuhand izeneko erakundea hasieran ekialdeko disidente batzuk asmatu zuten, sistema sozialistako konpainiak modu ordenatuan bertako enpresa pribatu bihurtu zitezen, utzi gabe burokrata komunista ustelei Mendebaldeko Alemaniari saltzen.
Schäubleri gustatu zitzaion ideia, operazioaren gidaritza emango ziolako halako independentzia itxura bat zeukan erakunde berri bati. Bera jarri zen Treuhanden buru.
Laabsen haritik tiraka, Thomas Morel historiagileak laburbildu du Schäublek Alemaniako langileei ekarritako kalamitatea "Ce que la réunification allemande nous enseigne sur la crise grecque actuelle" artikuluan.
Treuhand lanean hasirik, ez parlamentuari eta ez herritarrei konturik eman beharrik gabe, ustelkeria kasuak nagusitu ziren. Mendebaldeko konpainiak hasi ziren opilaren zatiak berenganatzeko borrokan. "Supermerkatuak, hotelak, etxebizitzak, bankuak... herrialde oso bat saldu zen ogi koskor baten truke".
Baina ugazaba berriek gehiago nahi zuten. Eta xantaia egin zioten estatuari, enpresak ixteko, milaka langile kaleratzeko, inbertsioetarako diru-laguntzak eskuratzeko... beraiek xentimorik arriskatu gabe.
Alemania osoko langileei ekarri zien 20 urteko atzerakada, mendebaldekoei ere bai. Soldaten 'moderazioa', enpresak ekialdera deslokalizatzeko mehatxuak, ongizate estatuaren sutsitzea... Eta gainera Treuhandek porrota jo zuen 1995ean, Alemania batuari sekulako zorrak utziaz: hasieran 100.000 milioi euro aipatu, benetan pribatizazioekin 34.000 milioi lortu eta azkenerako 105.000 milioi galdu. Alemaniako herritar asko oroitzen ez diren arren, zor haiek ere herritarrek ordaindu zituzten. | news |
argia-d780da67fdde | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2291/bateragune-auzia.html | Bota duenaren aurka itzuliko den harria | Xabier Letona | 2011-09-25 00:00:00 | Bota duenaren aurka itzuliko den harria
Angela Murillok Bateragune auziko epaimahaiburu izango zela iragarri zenean, askok pentsatu zuten ez zela batere datu ona epaiketaren emaitzetarako. Ez, berez, Auzitegi Nazionalean konfiantzarik dagoelako, baizik eta Murillok dagoeneko askotan erakutsia zuelako bere jarrera hainbat epaiketetan. Horren erakuslerik argiena zen Auzitegi Gorenak berak ere Arnaldo Otegiren Gatza auziko zigorra baliogabetu zuela Murilloren inpartzialtasunagatik.
Baina Bateragune-ko ahozko auziak aurrera egin ahala Murillo eta epaimahaiarekiko beldur horiek biziki baretu ziren, behintzat iritzi publikoari dagokionez. Epaiketan gauza asko azaleratu ziren, nagusiki auziperatuen pentsamoldeaz eta baita hauek azken urteetan egindako lan politikoaz ere. Auzipetuek argiki azaldu zuten ezker abertzalearen baitan izandako lehia eta nola irabazi zuten lehia hori. Areago, bazirudien ezker abertzaleko sektore irabazle hori epaiketa bera erabiltzen ari zela bai zigorra saihesteko –normala den gisan–, bai barne eztabaida erabat finikitatzeko eta lehia horren kontaketa molde bat sozializatzeko.
Horregatik guztiagatik, eta epaiketan zehar fiskaltzaren tesia eta frogak hain ahulak agertu zirelako, euskal gizartean bazen absoluziorako esperantzarik. Horretarako baziren arrazoi juridiko ugari, baina nagusiki bazen garai berri batekiko kontzientzia sakon eta indartsua, eta uste zen garai bateko "dena da ETA" baldar hark ezin zuela normalizazio politikoaren prozesua zangotrabatu. Gainera, nahiz eta jakin Auzitegi Nazionalean edozer gerta daitekeela, baziren absoluzioaren tesi hauek indartzen zituzten aurrekari sendoak, esate batera, Egunkaria auzia edo Udalbiltza auzia. Hori guztia, zelanbait bazegoen euskal gizartearen iritzi kolektiboaren zati handi batean.
Eta horrexegatik, Bateragune auziko harrizko epai honek aspaldi ez moduan kolpatu du euskal gizartearen kontzientzia kolektiboa. Patxi Lopez lehendakaria epai hau euskal gizartean ez dela ulertzen esatera behartzeraino. Datozen aste eta hilabeteetan eskua erreko dion epaia izango da hau lehendakariarentzat, epai hau bakearen aurkako neurri gisa eta, funtsean, Estatu inposaketaren agerle esanguratsu moduan ikusten delako. Espainiako Estatuaren botere banaketaren eta epaiak onartu beharraren diskurtsoa ahula da euskal gizartean, baina Murillok gidatutako epai honek txikitu egin du ikuspegi hori, Jose Yoldik El Paíseko bere blogean iradokitzen duen moduan, erabaki hau sumarioko frogetatik baino epaimahaiaren erraietatik ateratzen delako.
Autoa beldurgarria da. Esaten du ezin dela frogatu Bateragune izeneko talderik izan zela, baina bai ordea auziperatuak ETAren aginduetara ari zirela, batzuk ETAko buruzagi gisa –Otegi eta Diez– eta beste batzuk hauen aginduetara –Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez–. Eta frogak? Froga argirik ez dagoela dio epaimahaiak, baina adierazle ugari bai eta hauek nahiko indar dutela zigorra justifikatzeko. Zein adierazle? Iparraldean aritu zirela bilerak egiten eta jardun hori era gordean egiten zutela. ETAren agirietakoa betetzen zela, gero, ezker abertzaleko agirietan –funtsean metaketa soberanistarena–. ETAren hainbat agirietan eta auziperatuek jorratutako beste hainbatetan antzeko terminologia dagoela. ETA ez zutela gaitzesten eta bere desagerpena argi eta garbi eskatu ere ez...
Eta harrigarriena, auzipetuek borroka armatuaren aurka daudela publikoki adieraztea eta ETA sobran dagoela esatea zigorra saihesteko trikimailu bat besterik ez dela. Eta arriskutsuena (autoaren 37 eta 38. orrialdeetan), auzipetuek adierazpen askatasuna eta jarduera politikorako eskubideak gainditu zituztela beren jardunarekin, eta jardun horrekin beraiekin bat datozen eta antzeko ideiak dituzten beste erakunde batzuen jarduera biolentoa ahalbideratu eta babestu dutela.
Funtsean, datozen asteetan aktualitate politikoan egongo den gaia aurreratu du sententziak: ea Bildu azaroaren 20ko hauteskundeetan egon litekeen ala ez. Eta epaiaren muinak dio ezetz, Bildu, azken finean, ETAk metaketa soberanistarako asmatutako tresna bat dela. Ea zer dioen fiskaltzak Bildu-Aralarrek aurkeztuko duten hautagaitzaz, baina oso posible da maiatzean Bilduren legeztatzean bizi izandako kapitulu haiek guztiak orain berriz errepikatzea. | news |
argia-670907036685 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/erleak-zirri.html | Erleak zirri | Jakoba Errekondo | 2014-12-28 00:00:00 | Erleak zirri
Etxean etxeko bezala erle eultzea izateak garai bateko bizimoduan erleak zuen garrantzia garbi asko adierazten du. Erlea nahi eta ezkoa zen fruitu batzuk jaso ahal izateko. Sagarra, adibidez, erleak ernaltzen du. Mahatsa ez, haizearen nahikeriara lotua dago. Eztiaz eta argizariaz gain etxeko urteko edaria zegoen erleen esku: zizarra, pitarra eta sagardoa. Nola ez zuten ba eultzea zainduko? Etxekoa, familiakoa zen erlea. Argazkian, Aramaioko Olaetako Ubidena baserriaren aurrealdean, sarrera nagusia eta leihoen artean, eultzea. Eultzera barrutik irits daiteke. | news |
argia-86cfcf17b961 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/urduritasuna.html | Urduritasuna | Joxerra Aizpurua | 2014-12-28 00:00:00 | Urduritasuna
1997. urtean eman zitzaion hasiera egun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (Saretek) denari. Dozena bat multzotan banatutako ia 200 elkartek eta erakundek osatzen dute Saretek. Orain 17 urte erronka gisa hasi zenak euskal industrian errotzea lortu du, eta azken horrek garai honetan bizi dugun krisialdian indarrari eutsi badio, neurri batean Saretekeko partaideen ikerketa lanei esker izan da. Are gehiago, gaur egungo euskal ekonomia Sareteken ekarpenik gabe ulertzea oso zaila egiten zaigu.
Saretekek egindako bidea ia hutsetik hasi zenez, ia itsu-itsuan egindako apustua izan zen bai baliabide ekonomikoak jarri behar zituen administrazioarentzat, baita egitura horretan sartu ziren pertsona eta erakundeentzat ere. Sareteken ibilbidea aztertzea eta neurtzea beharrezkoa zen, eta horretan jardun du Eusko Jaurlaritzak azken boladan. Emaitza, 2020. urterako Sareteken helburuak eta funtzionatzeko erak eraberrituko dituen dekretu berri baten zirriborroa izan da.
Aipatu dekretuaren zirriborroa ikerketa zentroetako mahaien gainean dago, eta ezin uka urduritasuna eta kezka sortu dizkiela eragileei. 2020rako jarritako helburu estrategikoak eta antolakuntzazkoak (pertsonala, argitalpenak, patenteak…) nagusiki Europak planteatutako ildo orokorretan oinarritu direla dirudi, eta horrela, oraingoz Euskal Herriak dituen ezaugarri linguistiko eta kulturalen aipamenik ez da izango. Bestalde, bertako industrian %90etik gora enpresa txiki eta ertainak izanik, oso zaila izango zaio askori antolakuntzazko baldintzak betetzea.
Ni ere bat nator Saretekeko erakundeen egitura eguneratu beharrarekin, baita enpreseei egindako ikerketen transferentzia hobetu beharrarekin ere, baina hori herrialde bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuz egin behar da. Gauden prozesuaren amaieran hainbat erakunde jokoz kanpo geldituko dira eta berriak ere sortuko dira aldi berean, normaltzat jotzen dut. Baina 2020. urtean, Sareteken argazki korporatiboa egiten denean, Basque Country markaren benetako oinarria ikusi nahi dut, hemengo erroak, ez edozer gauza. Eta horretarako, mahai baten edo batzuen bueltan eztabaidatzea eta zenbait puntu adostea baino bide hobeagorik ez zait otutzen.
Urduritasun garaiak dira ikerketa eragile guztientzat, eta administraziokoek ere ezinegona bere sentituko dutela espero dut, ez dutela dena ziurtzat eta inposatu beharrekotzat joko. | news |
argia-14f194310ed7 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/euskara-nafarroan.html | Lanpostu publiko elebakarrak eremu euskaldunean | Eider Madina Berasategi | 2014-12-28 00:00:00 | Lanpostu publiko elebakarrak eremu euskaldunean
Zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko oztopoek buruhauste ugari eragiten dizkiete Nafarroako herritar, eragile eta udalerri askori. Artifizialki sortutako muga linguistikoaren legeak arautzen duenez zonalde euskalduneko herritarrek eremu publikoan euskaraz aritzeko eskubide osoa dute. Halere, zenbait sektoretako langileei ez zaie bertako hizkuntza jakitea eskatzen eta herritarrak gaztelaniara jotzera behartuta daude. Osasungintzan eta liburutegien sarean ematen dira urraketa horietako asko.
Eusko Jaurlaritzak eginiko azken Inkesta Sozilinguistikoak (2011) erakusten du Nafarroako eremu euskaldunean %59,3 elebidunak direla eta %12,6 elebidun hartzaileak. Hortaz, orotara biztanleen %71,9 da euskalduna.
Eremu euskalduneko osasun arloan 135 lanpostu publiko daude eta horietatik 38 plazatan da nahitaezkoa euskara jakitea. Hots, postuen %28an, soilik. Liburuzainen, suhiltzaileen, mendizainen eta foruzainen kasuan, berriz, euskara jakitea meritu gisa hartzen da, baina ez da derrigorrezkoa. Beraz, kasu askotan erdaldunek betetzen dituzte leku horiek.
Zonifikazioaren ondorio larriak
Eremu mistoan egoera kezkagarriagoa da, osasun arloko langile eta liburuzainen postuetan euskara eskakizuna ez delako derrigorrezkoa. Lanpostu batzuetan soilik baloratzen da merezimendutzat. Zonalde ez-euskaldunean, berriz, are larriagoa da egoera; inongo kasutan ez baita derrigorrezkoa hizkuntza eskakizuna, ezta meritu gisa ere. Horren aurrean, eremu mistoko eta ez-euskalduneko herritarrek oso zaila edo ezinezkoa dute zerbitzu publikoak euskaraz jaso eta bertako langileekin hizkuntza gutxituan komunikatzea.
Nafarroako Gobernuak ez ditu lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunen inguruko datuak argitara eman nahi, "hori jakitea ezinezkoa" dela argudiatuta. Orain arte kaleratutako zenbakiak urriak dira, baina era berean oso esanguratsuak.
Foru Komunitateko administrazioko plantilla organikoan 23.000tik gora lanpostu daude eta horietatik 302ri eskatzen zaie nahitaez euskara jakitea, langile guztien %1,2ri, hain zuzen. Datu horiek agerian uzten dute Nafarroa osoan dauden %19,2 euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daudela inondik inora bermatuta.
Ingelesa euskararen gainetik
Testuinguru horri kontrajarriz, Nafarroako lan publikorako egin diren azken deialdietan ingeleseko azterketak ipini dituzte eta froga gainditzeak %10erainoko puntuazioa gehitzeko aukera ematen du. Hori horrela, lanpostu publikoetarako zenbait oposaketatan atzerriko hizkuntza jakitea baloratzen da eta, bertako hizkuntza jakiteak ez du inongo baliorik.
Osasun arreta kolokan
Lekunberriko osasun-etxera medikurako txanda eskatzeko deitu eta gaztelaniaz egin behar izaten dute sarritan herritarrek. Izan ere administrari-laguntzailearen lanposturako deialdia egin zenean euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu zen. Hala ere ez zuten langile euskalduna hautatu, Larraun-Lekunberri eta Araitz-Beteluko biztanle euskaldunen kopurua % 75-80 bitartekoa izan arren.
Lesakan seme edo alabarekin medikuarengana jo eta ordezkapena egiten ari den pediatrak ere ez daki euskaraz, legez V1 hizkuntza eskakizuna (idatzian B1 eta ahozkoan B2) ezarria badu ere. Haurra ez da gai gaztelaniaz ongi adierazteko eta sendagilearen esanak ulertzeko, beraz gurasoek itzultzaile lanak egin behar izaten dituzte. Leitzako, Ultzamako, Elizondoko edo Irurtzungo kasuan pediatrek ez dute euskaraz jakin beharrik; hortaz, oso ohikoa da sendagile erdalduna egokitzea.
Elizondoko agure bikotea euskaraz mintzatu izan da beti familia-medikuarekin eta ongi ulertu dute elkar. Oporrak edo baja hartu dituenean ordezko erdaldunak bidali izan ditu maiz Osasunbideak, eta komunikazio arazo zenbait izan dituzte. Baina medikua jubilatu eta euskaraz ez dakien beste batek hartu du lekua. Bikote nagusi horrek ezin du medikuarenera bakarrik joan, haien gaitzak adierazteko zailtasunak dituztelako eta medikuaren gomendioak ez dituztelako ongi ulertzen. Baztan udalerri euskalduna izaki, bertako bizilagunen %80 baino gehiagok daki euskaraz, baina sei familia-medikutatik biri baino ez zaie oinarrizko euskara eskakizuna exijitzen. Osasun etxeko zuzendariak eta erizaintzako arduradunak ere ez du bertako hizkuntza jakin beharrik.
Etxarri-Aranazko emakumeen arretarako zentroetako sexu-hezitzailea euskalduna izan da lanpostua sortu zenetik. Baja hartu eta ordezko erdalduna ipini dute, emakumeen arretarako zentroetan lan egiteko ez baita euskara jakintzarik eskatzen. Ondorioz, Sakanako ikastetxeek lehen euskaraz jasotzen zituzten zerbitzuak gaztelaniaz soilik eskaintzen dira gaur egun, eskualde horretan D ereduan matrikulatutako ikasleen kopurua %80koa izan arren.
Doneztebeko mediku etxeko itxarongelan Programa de atención al niño. Accidentes infantiles. Cuide por ellos liburuxka dago eskuragai informazio-orrien artean; gaztelania hutsean dago argitaratuta. Horrez gain, baja agiriak, mediku-egiaztagiriak, mamografiarako zitazioak eta gaixotasunen kontrolerako jarraibide idatziak ere gaztelaniaz betetzen dituzte Nafarroa osoko medikuek, Osasunbideako programa informatikoek euskaraz egiteko aukerarik ematen ez dutelako.
Osasun eremuan euskara eskakizuna ezarrita duten lanpostu gutxietan V1 jakintza maila eskatzen da. Oinarrizko maila horrek ez du profesional baten komunikazio gaitasuna bermatzen.
Behatokiaren euskararen telefonoan urtero jasotako ehunka kexetan oinarrituta, horien antzeko beste hainbat kasu biltzen ditu Arartekoak elebitasunari eta herritarren hizkuntz eskubideen egoerari buruz 2010ean argitaratutako txostenean. Herritarren defendatzaileak Nafarroako Gobernuari ohartarazi dion legez, errealitate horrek erabat baldintzatzen du herritarrei ematen zaien osasun arretaren kalitatea.
Liburu eleanitzak vs. liburuzain elebakarrak
Liburutegi publikoen sarean eremu euskaldunean dauden Nafarroako liburuzainen plantilla organikoan ez da profil elebiduneko langilerik eskatzen. Beraz, Altsasu, Aurizberri, Bera, Elizondo, Etxarri, Irurtzun, Leitza, Lesaka edo Olazti bezalako herri euskaldunetako liburuzainek ez dute euskara jakin beharrik.
Hizkuntzarekin hertsiki loturik daude liburutegietan aurkitzen diren askotariko materialak, eta bertako hizkuntza ofizialetako bat ez jakiteak oso baldintzatzen du eskainitako zerbitzuaren kalitatea.
Euskaldunen hizkuntza eskubidea urratzeaz gain, hainbat arazo eragiten ditu; besteak beste, baliabideen aukeraketan edo antolamenduan. Gainera, euskal literaturaren, musikaren eta zinemagintzaren inguruko ezagupen murritza izateak zailtasunak ekar ditzake gomendioak emateko orduan.
Orain bi urte Nafarroako Kultura Departamentuak liburutegiko arduradun izateko 16 lanpostu eskaini zituen oposizio bidez hornitzeko. Lanpostu bakar batean ere ez zen nahitaezkoa izan euskara jakitea, zenbait postu eremu euskaldunerako izan arren. Kasu horietan, gainera, euskararen ezagutza ez zen gehigarri bezala baloratu, oposizio hutsa zelako; hau da, lehiaketa faserik egon ez zelako.
Antzeko afera batengatik Berako Udalak Nafarroako Gobernua auzitara eraman zuen 2010ean. Herriko liburuzain lanposturako euskara ezagutzarik eskatu ez izanagatik jo zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiarengana. Urrian atera den sententziak lanpostua hautatzeko prozesua errepikatu beharko dela zehazten du eta euskara meritu kualifikatu gisa baloratu.
Pertsonak euskaldundu baina lanpostuak ez
Duela 28 urte onartutako Euskararen Legeak aitortzen du Nafarroako eremu euskaldunean herritarrek zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea dutela. Momentuan hala ez bada administrazioak hori lortzera jo behar du progresiboki, horretarako beharrezko baliabideak eskainiz.
Nafarroako Gobernuak arlo publikoko funtzionario eta langileak euskalduntzeko zerbitzua abiatu zuen 1989an. Ordutik ehunka nafar prestatu dira, baina inolako irizpide eta jarraipenik egin gabe. Ez da legeak adierazi bezala teknikari eta adituek prestatutako euskara planik egon eta langile elebidunak eskatzen diren postuetako funtzionarioei ez zaie lehentasunik eman postuak progresiboki euskalduntzeko. Jendaurreko lanetan ari diren langileei ere ez zaie inongo lehentasunik eman.
Bestalde, orain arte euskara ikasten ibili diren funtzionarioek euren lanean izan duten hizkuntza erabileraren inguruko jarraipenik ere ez da egin, ezta gaiaren inguruko inolako kontrolik ere. Finean, ehunka pertsona euskaldundu dira, baina lanpostuak ez. | news |
argia-ff726cda68ee | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/azken-erregea-eta-lehen-arkeologoa.html | Azken erregea eta lehen arkeologoa | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-28 00:00:00 | Azken erregea eta lehen arkeologoa
Babilonia, K.a. 556. Labashi Marduk errege gaztea kargutik kendu ondoren, Nabonido tronuan eseri zen. Herodoto greziarra lehen historialaritzat jotzen den arren, haren aurretik Nabonidok ere iraganarekiko interes handia izan zuen. Indusketak egiteko agindua eman zuen gainbehera etorritako hiri sumeriar eta akadiarretan, eta horietako batzuetan berak parte hartu zuen zuzenean. Indusketa lan horietan aurkitutako erregeen eta jainkoen estatuak, testuak idatzita zituzten estelak eta bestelako materialak Babiloniara eramanarazi zituen.
Ustez, haren asmoa objektu horiek toki batean erakusgai jartzea eta herritarrek antzinako erregeen loria miretsi ahal izatea zen; egungo museo moduko bat eraikitzea, alegia. Horrez gain, errege-liburutegiko milaka taulatxoren kopiak eginarazi zituen. Erregealdi guztien kronikak gordetzeko obsesioa zuen eta horretarako hainbat tailer zabaldu eta idazlari mordoa bildu zituen. Halaber, buztinezko eta betunezko nahasketa berezia asmatu zuen dokumentuak gehiago iraunarazteko. Horri esker Babiloniako errege liburutegia ia osorik iritsi zaigu.
Egungo arkeologoak ziurrenik hotzikarek hartuko lituzteke Nabonidoren indusketa metodologia ikusita; derrigorrezko informazioa bildu baino lehen objektuak testuingurutik ateratzea, esaterako, sakrilegioa da. Baina harengandik izan ez balitz, objektu asko eta bertan bildutako informazioa betiko galduak lirateke. Errege akadiarren berri, esaterako, ezer gutxi jakingo genuke.
Historiari egindako ekarpenak ekarpen, Nabonido agintari kaskarra izan zen. Hasteko, agintea lortzeko egindako bidea iluna izan zen eta klase boteredunarekin bat egin ordez, haien etsaitasuna irabazi zuen, bereziki apaizena. Marduk jainkoaren kultuaren nagusitasuna eten zuen eta haren ordez Sin ilargiaren jainkoa ipini zuen rankingaren lehen postuan. Horrenbestez, herri xeheak bat egin zuen boteredunekin erregearen aurka.
Halaber, huts larria egin zuen Pertsiako Ziro II.a Handiaren kontra Lidiako Kresorekin bat egitean. K.a. 539an Ziro Babiloniako ateetan konkistarako prest zegoenean, edozein agintarik armada prestatuko zukeen erasoari aurre egiteko. Baina Nabonidok beste estrategia bat hautatu zuen: erresumako jainkoen estatuak hiriburuan bildu zituen, jainkozko batzorde hark arazoa konponduko ziolakoan. Herritarrak Nabonidoren aurka egonik eta harrizko armada alferrikako harekin, Ziroren osteek ez zuten gezi bat bera ere jaurti behar izan Babilonia mendean hartzeko, Bibliak konkista gertaera ia apokaliptiko gisa deskribatu arren.
Herodotok dio Nabonido sutan erretzera kondenatu zutela baina azken unean Zirok barkamena eman ziola. Beste iturri batzuen arabera 539. urtean bertan exekutatu zuten eta bertsio baikorrenak dio bere azken urteetan bizimodu lasaia izan zuela Karmanian. Kontua da, azkenean, Nabonido Babiloniako azken errege penagarri gisa igaro dela hainbeste maite zuen historiara. | news |
argia-be091abcbcf2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/espetxe-politika-eta-bakea.html | Espetxe politika eta bakea | Garbi�e Biurrun | 2014-12-28 00:00:00 | Espetxe politika eta bakea
Ez dut ezer berririk esango bake prozesuaz, PPren gobernuaren jarrera arduragabetzat jotzen badut. Hainbat arrazoi daude hori adierazteko, baina arlo zehatz bati helduko diot oraingo honetan: espetxe politika, azken asteotan "berriak" izan ditugu eta.
Azaroaren 24an Carmen Gisasola libre atera zen Entzutegi Nazionalak bere espetxe zigorra betetzat eman eta gero, Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ondoren. Egun batzuk beranduago beste bi preso atera ziren arrazoi berberarengatik: Espainian espetxean betetako denborari Frantzian betetakoa gehituz.
Espetxe politika mundu osoan da kezka, baita Europan ere. Horregatik ematen dira arauak maila desberdinetan. Horietako bat 2008an Europako Batzordeak hartutako Erabaki Markoa, non Europar Batasuneko estatu batean emandako epaiak beste estatuetan errekonozitzeko finkatzen ziren oinarriak. Estatuek Erabaki Marko hau sartu behar zuten beren barneko araudian, baina Espainian ez da horrelakorik egin 2014ko azaroaren 12ra arte, 7/2014 Lege Organikoa onartu den arte. Bitartean, hor zegoen Batzordearen erabakia eta hor, baita ere, auzitegiek hori betetzeko duten betebeharra.
Horrela, 2014ko martxoaren 14an Auzitegi Gorenak Entzutegi Nazionalari agindu zion, kasu zehatz batean, kontuan hartzeko Frantzian betetako espetxe zigorrak. Bada, hain zuzen ere, ia sei urte igaro eta gero, inolako mugimendu legegilerik gabe, egun berean Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen Lege Proiektua, eta gero, bere tramitazioan hainbat zuzenketa sartu ditu PPk lege horren ondorioak "leuntzeko". Hau da, Auzitegi Gorenaren irizpideari jarraituz, libre utzi beharko ziren 50-60 ETAko presoek espetxean jarrai dezaten. Gero, badakigu zer gertatu den: lege hori abenduaren 4an sartu da indarrean eta eztabaida juridikoa dago bere aplikazioari buruz, Auzitegi Gorenak berriro ebatzi arte.
Horrek guztiak adierazten du zein den Espainiako Gobernuaren jarrera eta hainbat alderdi politikorena ere. Bake prozesua ukatzen da eta, gainera, oztopatu egiten da, presoen gaiari inolako tratamendurik eman gabe. Presoek, Ipar Irlandan gertatu zen moduan, zeresan handia eduki beharko lukete bake prozesuan, baina Gobernuak ez du horrelakorik onartzen. Jarrera gogor eta oztopagarri hori islatzen da egunero: presoen urrunketari buruz ez da mugimendurik egon, nahiz eta euren jatorriko lekuetara hurbiltzeko eskatu duten, nahiz eta hori birgizarteratzearekin bat datorren, eta beraz, zeharka, funtsezko eskubidea den.
Gobernuaren oinarrizko abiapuntua garbia da, baina guztiz okerra: bere ustetan, ETAko presoekiko edozein "keinuk" estatuaren eta demokraziaren ahulezia adieraziko luke. Guztiz kontrakoa, nire iritziz: alde batetik, eskatzen dena legea betetzea besterik ez da eta horrek estatu demokratikoa indartzen du; bestetik, paralisiak adierazten du ahuleziarik handiena eta araudiari egiten zaion "iruzurrak" islatzen du Espainaiko Estatuaren beldurra eta beren planteamenduen hauskortasuna. Edo, bestela, nola azaldu behar dute zein den espetxe zigorren helburua edota zer gertatzen den zigorrak betetzen direnean? Gobernu batek zuzenbidearen balioa errespetatu eta adierazi behar du eta, horretarako, preso dauden pertsonek egindako min ikaragarria kontuan harturik, pedagogia publikoa egin behar du egunero. Edo zer espero dute, preso horiek betiko espetxeratuta eta urrun mantentzea?
Bukatzeko: presoen hausnarketa berria ere beharrezkoa izango litzateke une honetan, bake prozesuan ekarpen positiborik benetan egin nahi badute. | news |
argia-d4ee99edd6b6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/lau-milioi-litroko-ur-biltegia-antzinako-erroman.html | Lau milioi litroko ur biltegia antzinako Erroman | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-28 00:00:00 | Lau milioi litroko ur biltegia antzinako Erroman
Erromako metroaren C linea eraikitzeko lanetan, 35 x 70 metroko ur biltegia aurkitu dute. Ziurrenik nekazaritza enpresa baten laboreak ureztatzeko erabili zuten, baina inguruko ibai baten uraldiak geldiarazteko eraiki zutela dioen hipotesia ez dute baztertu. Aurkikuntzak garrantzia du, batetik, orain arte aurkitutako Antzinaroko ur biltegirik handiena delako. Eta, bestetik, San Giovanni auzoan dagoelako; Erroman iraganeko arrasto faltarik egon ez arren, inguru horretan ez dira orain arte Antzinaroko egiturak aurkitu. Alde txarra ere badu, metroaren lanak atzeratuko direlako, baina horretan oso ohituta daude erromatarrak. | news |
argia-bc36f4cac852 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/uk-aldizkaria-desagertu-eta-hiruka-abiatuko-da.html | �UK� aldizkaria desagertu eta �Hiruka� abiatuko da | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-28 00:00:00 | �UK� aldizkaria desagertu eta �Hiruka� abiatuko da
Batek ez, bi komunikazio proiektuk itxiko dituzte ateak, baina ordainetan hiru euskarritan arituko den komunikazio egitasmoa jarriko dute abian Bizkaiko Uribe Kosta eskualdean.
Hiruka komunikazio taldeak atari digitalari, paperezko astekariari eta irratiari helduko die. Bistan denez, ez dira ezerezetik sortuko, orain arteko ibilbideaz baliatu eta proiektu sendoagoa egiteko asmotan dira Uribe Kostan.
Getxon, ia duela 20 urte Bizarra Lepoan aldizkaria sortu zuten eta 1999an UK aldizkari bihurtu zen.
UKberri.net atari digitalak berriz, 11 urteko ibilbidea egin du. Koska irratia ere hainbat urtez entzun ahal izan zen uhinetan.
Urtarrilarren bukaeran paperezko astekaria eta atari digitala hasiko dira lanean eta hilabete batzuk geroago Justuri Irratia abiatuko da. Uribe Kostako komunikazio talde euskaldun berriak irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu du. Egitasmoa sostengatzeko bazkide erabiltzaileak eta laguntzaileak izango ditu.
Erabiltzaileen kasuan, pertsona juridikoek 1.000 euroko inbertsioa egingo dute eta norbanakoek 100 eurokoa. Laguntzaileen kasuan, pertsona juridikoek 200 eurokoa eta norbanakoek 50 eurokoa. Gainera, 33 euroko kuota ordaindu beharko dute urtero. | news |
argia-946d9f1b1fe6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/korsika.html | Mendien uhartea | unknown | 2014-12-28 00:00:00 | Mendien uhartea
Asterix garaiezinak orain bi milurtekoko Korsikara eraman gintuen, beste herri menderaezin bat ezagutzeko. Gaur egun, ohiko topiko baldarrak errepikatzeko asmorik ez badugu ere, iruditzen zaigu bertako herritar askok agertzen duten harrotasuna eta nortasun menderakaitza bizitza bera bezain benetakoa dela, eta hein handi batean leku eder eta basa honen orografia malkartsuak eragin duela.
Esan daiteke, geologiari buruzko xehetasunetan murgildu gabe, Korsika Mediterraneo itsasoaren erdian jarritako Alpeen zati bat izan litekeela, inguruan hondartza eta labar ugari daukana, eta barnealdean, berriz, kontinenteko haran alpinoak gogoraraziko dizkiguten mendi garai eta basoak. Izan ere, Errestonikako haranen batean jarriko bagintuzte non gauden jakin gabe, zin egingo genuke Alpeetako txokoren batean gaudela.
Mendilerro ikusgarri batek zeharkatzen du uhartea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Itsas mailatik 2.000 metro baino gorago dauden ehun gailur baino gehiago dago; urteko sasoi gehienetan elurrez estalita egoten den Cinto mendiaren 2.706 metroak nabarmentzen dira. Itsasertzetik 30 kilometro baino gutxiagora dago Cinto. Distantzia horren eta haren altueraren arteko erlazioak erakusten digu zein bertikala den Mediterraneo erdiko mendikate hau.
Orografia bihurriak etengabe baldintzatu du uhartearen historia. Ipar-ekialdea eta hego-mendebaldea askotan elkarrekiko inkomunikatuta geratzen ziren elurte handien ondorioz; batzuetan haran batetik betera igarotzea ere ezinezkoa zen. Lan gogorra inbaditzaileentzat. Korsikarrak mendi inguruetan bizi ziren batez ere, nahiago zituzten horiek kostaldea baino, eta mende askoan gerrilla bidez oldartu zitzaizkien beraiek baino boteretsuagoak ziren ejertzitoei. Baina alde batetik beren nortasunari eusteko balio izan zuena, jaiotza kopurua txikia izatea eta korsikarren arteko zatiketa areagotzea eragin zuen bestetik. Bereizketa horrek muga ideologiko, sozial eta, ezinbestean, linguistikoak sortu zituen.
Hamaika inbasio
Korsikako historia nahasia eta bitxia izan da. Haren ondorioz, nazio nortasun sendoa eta independentzia nahi irmoa garatu da bertakoengan. Irlaren kokagune estrategikoak herri askoren arreta piztu zuen; ia hiru milurtekoan, feniziarrak, greziarrak, erromatarrak, bandaloak, bizantziarrak, pisarrak, aragoiarrak, genovatarrak eta, 1768tik, frantziarrak uharteaz jabetu ziren, inbasio eta inbasio artean autonomia eta independentzia tarte laburrak utzita bertakoei.
Gaur egun Korsikak beste inbasio bat jasaten du, ez hain liskarzalea, lurraldea bereganatu ordez egun edo aste batzuetako bisita egiteko asmoa baino ez duena. Uhartearen diru-sarrera iturri nagusia da turismoa, izan ere. Eta handiagoa izango litzateke bisitak hartzeko azpiegiturak hain mugatuak ez balira. Oso litekeena da horrek, kalte egin baino, onura ekartzea epe luzean, bertako natura asko hondatzea eragotziko baitu, eta zalantzarik gabe horixe bera da, natura, kanpotarrei eskaintzeko Korsikak daukan balore nagusia.
Itsasotik arroiletara, urrats bat baino ez
Muturrak harrigarriak dira Korsikan. Ezin zaitezke aldendu 40 kilometro baino gehiago Mediterraneo epeleko hondartzetatik, baina tarte hori nahikoa da naturan hamaika jarduera, askotarikoak, egin ahal izateko. Ghisoni, Vergio edo Val D´ese-ko pistetan eski egun bat negu gorrian, uhartea iparretik hegora zeharkatzen duen GR-20 ibilbidean barnako mendi txango gogorrak, arroila jaitsiera kirol horretarako Europan dauden lekurik interesgarrienetako zenbaitetan, eta beste asko, hala nola urpekaritza eta bestelako ur jarduerak. Kulturaz edota mediterranear klimaz gozatzeko aukera ere badela kontuan hartuta, era askotako turismorako gune ezin hobea da Korsika.
Bastia, hiririk korsikarrena
Uhartera sartzeko lekurik onena Bastia da, ipar-ekialdeko erdiko hiriburua, eta Korsikako itsasertzeko hirien artean berezia. Oso agerikoa da Genovaren eragina, bai arkitekturan bai kaleen saretzean. Korsikar kostaldeko hiririk "benetakoena" da Bastia, zalantzarik gabe; ez da ahaztu behar itsasertzeko hiri handienak inbaditzaileek eraikitakoak direla. Bastia ez da beste hiri batzuk –esaterako, Ajaccio– bezain arranditsua, baina uharte osoko porturik jatorrena dauka: kafetegi ugarien artean, ainguratutako belaontziei so paseatzen duten jubilatutako arrantzaleak nonahi dabiltza bertan.
Bastiatik Korsikaren iparraldera irits gaitezke. Populazio txikieneko eskualdea da, eguraldiaren zabarkeriaren aurrean babes txikiagoa duelako. Hiritik abiatzen den errepide bihurgunetsu batek aukera ematen du Corse lurmuturra dagoen penintsula osorik inguratzeko. Ehunka senaia txiki ezkutuan gordetzen dituzten amildegi ikusgarrien ertzetik, dorre genovatarrez jositako lurmuturrera hel daiteke.
Sortaldeko kostalde labartsua
Uhartearen ekialdea are malkartsuagoa da, baita ikusgarriagoa ere. Labarrak itsasoan murgiltzen dira, eta han-hemen mediterranear izaera agerikoa duten arrantzale herrixkak aurkitzen ditugu. Errepide horretatik Agriates-eko kostaldean sartuko gara: babestutako 40 kilometroko itsasbazterra, eskualdeko altxor natural handienetako bat.
Sortaldeko itsasertzari jarraituz, iparreko senaia ezkutuekin zerikusirik ez duten hondartza luzeak ikusiko ditugu. Hala ere, kostalde mediterranearreko leku askok jasan duten higiezinen boom-a ez da honaino iritsi, ez behintzat hain neurri handian. Horri esker, gune askotan aukera dago errepidetik irten eta jendetza handi batekin topo egin gabe hondartzetara gerturatzeko, baita udan ere.
Kostalde horretatik bertatik uhartearen barnealdera joan daiteke, zenbait mendate esanguratsu gaindituz. Eskualde berezia da hau, baso handiek estalitakoa. Gaztainondoa da nagusi, eta hartatik hartu du izena Gastagnicciak, gaztainaren inguruan bizi den eskualdeak; hango negozioetan zein gastronomian ohorezko lekua du fruitu horrek. Bailara hau bisitatuz irlako historiaren zati garrantzitsu batean murgilduko gara, Pasquale Paolik, Korsikaren independentziaren defendatzaile nagusietako batek, bertan utzi baitzuen bere oinordetzaren zati handi bat.
Uhartearen bizkarrezurretik hegoalderantz joz, Corte hiria aurkituko dugu. Korsikako benetako bihotza, mendiz inguratua eta Restonica eta Tavignano ibaiek bat egiten duten lekuan kokatua. Corte izan zen Korsika independenteko hiriburua Paoliren gobernuak iraun zuen bitartean, 1755 eta 1769 artean. Urte hartan, frantziarrek mendean hartu zituzten korsikar osteak, Pontenuovoko guduan.
Restonicako Arroilak
Corte pribilegiozko toki batean dago: Restonica ibaiaren ibilguari jarraituz, uharteko mendi malkartsu eta ikusgarrienen bihotzean sartuko gara. Mendiko ibai honen hamalau kilometroetatik, gehienak Restonicako Arroilen barruan daude; ur-jauzi ugari dago bertan. Ibaiak 1.300eko altuera galtzen du ibilbide horretan, eta haren uharkak Korsikako haran eder eta basatiena sortu du. Korsikar mendien sargunea izanik, urtero jasotzen du milaka lagunen bisita; lasai paseatzera joaten dira batzuk, mendi kirol zorabiagarriak egitera beste batzuk.
Itsasertzerantz berriro, uhartea zatikatzen duen mendikatea zeharkatuko dugu Korsikako hego-mendebaldearen hiriburura, Ajacciora, joateko. Atzean utziko ditugu hiritik ikus daitezkeen mendi garaiak, neguan irudi bitxia eskaintzen dutenak: Mediterraneoaren gaineko zerumuga elurtua. Kaleek, monumentuek, estatuek, etengabe gogorarazten dute Napoleon Bonaparte enperadorea izango zena Ajaccion jaio zela 1769ko abuztuaren 15ean, frantziarrek uhartea behin betiko bereganatu zuten urtean.
Bonifaccio, hego muturra
Hegoaldeko muturrerantz goazela, paisaia alpinoak atzean utzi eta mediterranear izaera nabarmena duen ingurua zeharkatuz, Popiano eta Sartène-tik igaroko gara Bonifacciora heldu arte. Mediterraneoaren gaineko kokagune miresgarri batean dago hiria, labar luze baten goialde; izen bereko itsasartea zeharo eder ikusten da hemendik. Bonifaccioko begiratokietatik erraz hautematen dira Madalenako artxipelagoa eta Sardiniako uhartea, eta arratsalde eguzkitsuetan, itsasartea zeharkatzen duten izurde saldoak ikus daitezke hiriko harresietatik. | news |
argia-cf5197c5fb0a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/karbono-monoxidoa-etxe-barruko-hiltzailea.html | Karbono monoxidoa, etxe barruko hiltzailea | Joxerra Aizpurua | 2014-12-28 00:00:00 | Karbono monoxidoa, etxe barruko hiltzailea
Negua etorri ahala gero eta maizago pizten ditugu etxeko berogailuak. Abendutik maiatzera bitartean su eta ke arituko dira gure galdarak gasa erretzen, eta denbora tarte horretan behin baino gehiagotan izango dugu karbono monoxidoaren eraginez gertatutako ezbeharren berri.
Karbono monoxidoa, CO, gas gardena da, usain gabea eta airearen dentsitate berekoa gutxi gorabehera. Normalki erregai baten (egurra, ikatza, butanoa, gasolioa, fuela...) errekuntza partzialaren ondorioz sortzen da, eta oso ondorio larriak izan ditzake, hemoglobinan eta proteinetan finkatu eta zelulak kutsatzen ditu eta. Arnasten dugun airean CO kontzentrazioa %0,1 baino handiagoa bada ordubetean hil gaitezke; %1 baino handiagoa bada, 15 minutuan; eta %10 baino handiagoa bada heriotza berehalakoa izan daiteke.
Lerro hauen bidez urteroko aholkuak gogora ekarriko ditugu: hotz sasoia hastean galdarak, tximiniak eta aireztatze hobiak errebisatzea, egunero etxea gutxienez hamar minutuz aireztatzea eta airearen zirkulazioa ez oztopatzea. Eta ez ahaztu, istripua izatekotan, laguntza eskatzeaz batera ingurua aireztatu behar dela. | news |
argia-3997165e1ec6 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/kutxa-horiak.html | Kutxa horiak | Joanes Etxebarria | 2014-12-28 00:00:00 | Kutxa horiak
Astean behin Xiberoan, etxeetako atarietan kutxa horiak bete-beterik ikusten dira goizean goizik, eta husturik berantago. Herri Elkargoaren kartoi, paper eta plastikoen bilketa zerbitzua da. Baina garestiegia omen da, eta 2015ean atez ateko bilketa bukatuko da.
Trukean, etxetik ateratzen diren hondakinak giltzapetua izanen den ontzi batera botako ditugu, pisatuak izanen dira, eta pisu batetik goiti zerga garestiago izanen da. Teorian, etxean bereizketa gutxi egiten duenak kario pagatu beharko du. Badakit sistema hori besteetan jadanik erabiltzen dela, eta zerbaitengatik ezarriko dutela gurean ere.
Baina badira urteak kutxa horiak baditugula, eta hilabete andana jadanik berina ezin dela birziklagarrietan sartu. Kontainer beltzetan, arruntetan, berinak hausten entzuten dira geroztik. Kontainer berdeetan, berinazkoentzat eginak diren horietan, beti bada lekua soberan.
Denborak erranen du aldaketa ongi joanen denez. Gauza bakarra da segurua: hemen zikinak ez dira leihoetatik zintzilikatuko. | news |
argia-f8a01b04d16d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/saturnoko-eraztunen-jatorriaz-beste-bi-hipotesi.html | Saturnoko eraztunen jatorriaz beste bi hipotesi | Joxerra Aizpurua | 2014-12-28 00:00:00 | Saturnoko eraztunen jatorriaz beste bi hipotesi
Ikerlariak aspalditik ari dira Saturnoko eraztun ederren jatorria ikertzen. Hipotesi bat baino gehiago eman da, baina ez-ezagutza gailendu da orain arte. Berriki, Nizako behategi bateko ikerlariek bi hipotesi plazaratu dituzte. Baten arabera, Neptunotik haratago zegoen objektu handi batek Saturnoko izotz geruza jo eta milioika puskatan txikitzean sortu ziren eraztunak. Beste hipotesiak dio Saturnotik hurbil samar zegoen izotzezko satelite batek planeta jo ondoren barreiatutako milioika puskez osatuta daudela eraztunak. | news |
argia-7cd3e08ae4ac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/urmeneta-nire-kontaera.html | Urmeneta: nire kontaera | Enrike Diez de Ultzurrun Sagal� | 2014-12-28 00:00:00 | Urmeneta: nire kontaera
Aurtengo Nafarroako sari bidegabeak sortu harrabotsen haritik, argi dago zer garai duten amets oraindik ere nafar gobernuan dirautenek: frankismoa. Asmo bat zerabilten gogoan: garai politiko hura Huarteren bidez goraipatu eta frankismoaren zauri eta min irekietan piko egitea, eta gibel-asmo bat ere bai: Urmenetaren bitartez dena goitik behera nahastu eta bazterrak ederki inarrostea.
Miguel Javier Urmenetari buruz batik bat nabarmendu da 1936ko gerrara eta "dibisio urdinera" boluntario joan izana, aipatu gabe bietan ere heriotza-mehatxua izan zela tartean, gerrara "boluntario" abiatu aitzinetik. Gero, goi-karrera militarra egin zuen, Iruñeko alkate izan zen, baita Nafarroako Diputazioko diputatu ere. Gaizki eginak aski eta sobra aipatu zaizkio azken asteotan; ez, ordea, adibidez, bere domina eta sari militarrei uko egin izana.
Urmeneta, halaber, bestelako lan batean nabarmendu zen, hots, euskara eta euskaldunak duintzearen aldeko lanean. Izan ere, besteak beste Urmenetaren ahaleginari esker, Euskararen Aldeko Saila (sic) sortu zen Diputazio barruan 1957an, atzeraka etengabean ari zen euskararen alde zerbait egiteko, garai hartako zirrikitu meharrak baliatuz. Bizirik zirauten gerra aurreko nafar euskaltzaleak ere pozez bildu ziren ekimen berriaren inguruan, belaunaldi berri batekin batera, garai hartako indar politikoek (klandestinitatean zihardutenek) onarturik. Handik aurrera, besteak beste, euskal jaialdiak, bertsolari txapelketak, ikastolak, euskarazko aldizkaria eta euskal haurrentzako sariak antolatu zituzten. Urmenetak, izan ere, hauxe erran zien Saileko arduradunei: "Haurrak euskarara erakarri behar ditugu; haurrekin batera gurasoak etorriko dira, eta haurrak euskararen inguruan mantentzen baditugu, gure hizkuntzak etorkizuna izanen du". Ondoren, 60ko hamarkadan, beste belaunaldi gazte bat lotu zitzaion ekimenari, horien artean azken 35 urte honetako euskalgintzan eragile nabarmenetako batzuk izanikoak edo oraindik ere badirenak. Bada, ekimen horren babesle nagusia, isilean, dela Diputazio barruko beste batzuen iritzien kontra, dela garaian garaiko gobernadorearen kontra, Urmeneta izan zen.
Hortxe dago, beraz, gure iragan hurbila, guztiz ezezaguna; ez da historia ofizialean kontatzen, ezta historia ofizialaren kontrako kontaera ofizialean ere. | news |
argia-1ece62d3cc25 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2443/5000000000000.html | 5.000.000.000.000 | Jakoba Errekondo | 2014-12-28 00:00:00 | 5.000.000.000.000
Bost bilioi zigarro mutxikin sortzen da urtero, zenbaitek hala dio. Gure planetarako 850 milioi kilo zabor. Horixe bai zaborra, erreuxa! Gehienak material sintetikoz eginak dira: zelulosa monoazetatoa, polibinilo azetatoa, titanio dioxidoa, triazetina, polietilenoa... Mutxikin horiek, batez beste, hamabost urte inguru behar dute desegiteko. Ameriketako Estatu Batuetan itsasertzean eta ibaietan aurkitutako hondakinen %30 mutxikina da. Komuneko zulotik behera edo nonahi botatzeko ohiturak mutxikin horiek ur bazterretan pilatzea dakar. Ura luzez kutsatuko dute mutxikinak pixkanaka askatuko dituen nikotinak, bentzenoak, kadmioak eta abarrek.
Arazo horri buelta eman beharraren aitzakia hartuta negozioa egin nahi duenik ere bada. Bejondeiola. Material sintetikoak erabili beharrean material naturalak baliatzea proposatzen du, dagoenerako, enpresa batek baino gehiagok. Hiru landareren zuntzak darabiltzate: kotoia ( Gossypium sp.), lihoa ( Linum usitatissimum ) eta kalamua ( Cannabis sp.). Zuntz horiek hilabeteren buruan desegiten omen dira, eta lurraren ongarri bihurtu. Horiek ere izango dute nikotinarik eta keak garraiatutako gai txarrik, baina ez dituzte aipatzen.
Areago joan denik ere bada. Desegingo diren zuntz horien artean landare haziak sartuko omen dituzte. Mutxikina nonahi eta nolanahi botatzeko aitzakia ederra! Komun zulotik edo parkean edo mendian bota lasai, hilabetean desegingo da eta haziak hortxe baliatuko dute hondakintxo hori ernatzeko. Mutxikina haziaren ongarri dosia. Beraz, lasai bota mendian ere zigarro punta, suak erretzen badu ere berritzeko hazia ematen diozu.
Negu-txilintxa ( Galanthus nivalis ) landarearen haziak dituztenak jarri nahi dizkiote Europa iparraldean. Erraz etorri eta lore zuri polita ematen du. Nik beste era bateko uzta dakarren hazia duena jarriko nuke salgai. Zigarreta biltzen duten horientzat egokia: kalamu hazia duena. Kalamua, baina ez zuntzak egiteko kalamuarena, Cannabis sativa . Erretzeko kalamuarena baizik, Cannabis indica . Non ibiltzen zaren, erre, mutxikinak bota eta konturatzerako landare berriak hor dituzu, hankapean ia, zain. Hurrengo txirriak biltzeko... | news |
argia-4a387c2f1de0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/inkesta-soziolinguistikoan-berriro-egiaztatu-dugu-katalana-askatasunaren-hizkuntza-dela.html | "Inkesta soziolinguistikoan berriro egiaztatu dugu katalana askatasunaren hizkuntza dela" | Iure Eizagirre | 2014-12-07 00:00:00 | "Inkesta soziolinguistikoan berriro egiaztatu dugu katalana askatasunaren hizkuntza dela"
Plataforma per la Llengua, "katalanaren gobernuz kanpoko erakunde" deritzonaren exekutibako kide da Francesc Marco (Tarragona, 1989) historialaria. Hogei urte bete ditu erakundeak, eta Katalunian bizi den prozesuak hizkuntzari ireki diezazkiokeen ate berriei begira dago, Europari eta estatu propioak katalanari eskain diezaiokeen babesari, besteak beste.
Plataforma per la Llengua. 20 anys defensant el català liburuan instituzioen, alderdi politikoen eta elkartze-sareen urtetako jarrera aztertu duzu. Zein izan da alde horietako bakoitzaren egitekoa?
Frankismoko 40 urteren ondoren, katalana normalizatzeko proiektu osagarriak oso positiboak izan dira. Instituzionalki funtsezkoak izan dira katalana administrazioan ohiko hizkuntza gisa sartzea, kalitatezko komunikabide publikoak sortzea –TV3, Catalunya Ràdio– eta eskoletako murgiltze linguistikoa. Gainera, hainbat arloren normalizazioa handitu eta biziagotzeko aldarrikapena konplexurik gabe zabaldu da urte hauetan asoziazionismotik. Anbizio gehiago eskatu da eta alderdi politikoak zeharka estutu dira katalanaren alde lanean jarraitzeko. Bere egin dute konpromiso hori, maila altuagoan batzuk eta baxuagoan besteek.
Deigarria da erakundearen lehen ekintza publikoa katalanez etiketatzea eskatzeko egin izana eta hogei urte geroago eskari bera eta berberei egin behar izatea.
Multinazional handiei katalanaren erabilera handiagoa eskatzeko egin zen lehen ekintza publiko hura eta harrez gero arrakasta asko lortu ditugu, nahiz eta ez erabatekoak. Enpresa arloan, erakundeak beti lotu izan du katalanaren erabilera modernitatearekin, produktu eta zerbitzuen balio erantsi gisa; kontsumitzaileen eskubideekin eta erantzukizun sozial korporatiboarekin.
Hizkuntz normalizazioaren prozesuan –prozesu guztietan bezala– ezinbestekoa izan da emaitza hautemangarriak lortzea, eta pragmatismoarekin, zehaztutako helburuetarantz, nahi den zerumugarantz, pauso irmoak ematea.
Plataformak diskurtso positiboa du hizkuntzaz, zertan egin da lan eta zer lortu da orain arte?
Azken bi hamarkadetan ikusi dugu katalana pixkanaka arlo sozioekonomikoan sartu dela eta marka handiak hau barneratzen hasi direla. Hori oso garrantzitsua da. Gainera, mende aldaketarekin, erronka berri bat agertu zen: migrazioak hartzea. Eskola eta helduentzako ikastaroak erabakigarriak izan dira. Denok lagundu dezakegu gizarte-kohesioa bermatzeko katalan berriak gizartean modu eraginkor eta afektiboan barneratzen.
Zentzu horretan katalanismoaren diskurtsoa modernizatu egin da: kontua ez da "eustea" baizik eta eredu egokia eraikitzea, zeinetan katalana hizkuntza komun gisa oso erabilgarri izango den herrialdeko plaza eta kaleetan hitz egiten diren 200 hizkuntza baino gehiagoren artean. Hortik dator bikote linguistikoen, tandemen eta elkarrizketa taldeen erabilgarritasuna. Diskurtsoan zein praxian, emaitzak oso esanguratsuak izan dira.
Katalana Kataluniatik kanpo ere hitz egiten da, zein da hizkuntzaren egoera leku hauetan?
Hizkuntzak gaurkotasuna du katalanak batzen dituen eremuetan. Balear Uharteetan areagotu egin dira eskolako murgiltze linguistikoaren aurkako erasoak, eta honekin batera ikasgelak hustu eta euren kamiseta berdeekin kaleak bete dituzten irakasleen mobilizazioak ere bai.
Valentziako Erkidegoan ez dago hitzik TV3 debekatu eta Canal9 itxi izanaren, katalanezko hezkuntza ereduan umeak matrikulatu ezin dituzten milaka familien egoeraren edo hizkuntzaren batasunaren aurkako erasoen aurrean. Eta zer esan Aragoi Ekialdeko Zerrendako LAPAO delako [Aragoiko Gorteek erkidegoan hitz egiten den katalanari Lengua aragonesa propia del área oriental izena eman zioten 2013an onartutako Hizkuntzen Lege berrian] asmakizun surrealistaz? Badirudi Joan Fuster intelektual valentziarrak 60ko hamarkadan marrazten zuen Herrialde Katalanen mapa indarrean dagoela egun ere.
Duela gutxi argitaratu dira azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak, zein balorazio egin duzue? Aipagarria da katalanaren erabilera jaitsi izana azken hamar urteetan.
Berriro egiaztatu dugu katalana askatasunaren hizkuntza dela. Zenbat eta askatasun gehiago egon, orduan eta aukera gehiago du katalanak normaltasunez garatzeko. Eta hori oso grafikoa da: estatuak esku hartzen ez duen eremuetan katalanak aurrera egiten du, eta aldiz, estatuak esku hartzeko gaitasuna duen lekuetan, katalanak zailtasun nabarmenak ditu. Baina Katalunia bizitzen ari den prozesu politikoak buelta eman diezaioke horri urte gutxiren buruan. Gu baikorrak gara.
10 milioi hiztun inguru ditu katalanak. Europar Batasunean onartua izatea eskatzen duzue, ezta?
Katalana hizkuntza ertaina da Europa mailan. Hiztun kopuru, kultur kontsumo eta dinamismo jakin bat ditu eta jendea erakartzeko Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk baino askoz gaitasun handiagoa. Zergatik izan behar dute katalanek eskubide gutxiago?
Kataluniako prozesu politikoak ireki al lezake Europako atea?
Zalantzarik gabe, egungo estatuak ez badu onartu bere barne pluraltasuna 35 urtetan, katalanaren aldeko estatu batera igaro beharko da, honek dakarren nazioarteko onarpen guztiarekin.
Independentziak salbatuko al du katalana?
Nik sinesten dut estatu propioak, independentziak, hizkuntza aniztasuna modu adimentsuan kudeatzeko eta katalana hizkuntza komun eta gizarte kohesiorako tresna bihurtu ahal izateko balioko duela. Gainera, etorkizuneko estatuko hizkuntza politikak katalanarentzako babesleku eta hizkuntzak batzen dituen lurralde multzoarentzako erreferentzia izan beharko luke.
Hogei urteren ondoren, zer geratzen da egiteke? Zeintzuk dira Plataforma per la Llenguaren etorkizuneko erronkak?
Erakundearen lehentasunezko helburua desagertzea da [barre egiten du] hau izango delako katalanez bizi daitekeenaren adierazgarri. Hala ere, badakigu oraindik lan asko dagoela egiteko –batez ere arlo sozioekonomikoan eta katalan berrien barneratzean– baina aukerak onak dira eta trantsizio nazionalak lagun dezake. | news |
argia-dd19bf0f59cc | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/donbass-gerran.html | Kosakoen burdinazko gerrikoa | Lur Gil | 2014-12-07 00:00:00 | Kosakoen burdinazko gerrikoa
Bonben eztanda gero eta hurbilago sentitzen da Luhansken. Argi eta ur barik igarotzen dute ilunabarra hiri matxinatu honetan, urrunean grad misilen oihartzuna entzuten den bitartean. Novorossijako (gehiengoa errusieraz mintzo den Ukrainako zonaldea) hauteskunde demokratiko, jendetsu eta baketsuen osteko egunetik, Ukrainako presidente Poroxenkok mendekua iragarri zuen. Hiriak defentsa antolatzen jarraitzen du.
"Frontea gero eta hurbilago dago", kexu dira hilabete luzez errefuxiatu izateari utzita Luhanskera itzulitako biztanle asko. Luhansk hiri segurua da abuztutik hona, apaltxensiek (milizianoak) setio militarra apurtzea lortu eta bonbardaketak hiritik urruntzea lortu baitzuten, Strelkov jeneralak gidatutako kontra-ofentsiba arrakastatsu baten ostean.
"Frontea hiritik 15 km eskasera dago, hurbilena StanitxaLuganskaya herrian", dio Oleg-ek, hara abiatzen ari dela. Oleg Popov Novorossija eta Luhanskeko Herri Errepublikako parlamentarioa da eta herri milizietako komandantea.
Bere eskutik frontea ezagutzeko parada izan dugu. Popov jaunaren autoa ez da parlamentario normal batena, miliziano batena baizik. Luhanskeko Herri Errepublikaren matrikula eta akreditazio ofizialaz aparte bala batek eragindako zuloak apaintzen du kotxe sobietar zaharraren kristala: "Tirokatu ninduten, baino zorionez ez zen ezbeharrik gertatu", esan digu. Autoaren atzeko partean berriz ez dago eserlekurik, gasolina eta arma batzuk besterik ez. Bere ondoan AK-47 zahar eta astun bat, bidaia osoan hanken artean eraman duena. Abiadura handian doa Popov, hiritik iparralderantz. Errepidea erdi-hutsik dago, herrietara itzultzen diren auto edo bizikleta gutxi batzuk topa daitezke bakarrik. Bonbek utzitako zuloek abiadura moteltzera derrigortu
gaituzte. Ukrainako armadak Donbasseko azpiegitura gehienak txikitzea izan du helburu guda hasi zenetik. Zerbaitek gure arreta eraman du bat-batean, muino batean dagoen komando militar baten presentzia: "Kosakoen frontera" heldu gara.
"Kosakoek defendatzen dute gure hiria"
Kosakoek kontrolatzen dute Luhansk hiritik gertu dauden fronte nagusiak: StanitxaLuhanskaya eta Slobianoserbsk. Kosakoak (errusieraz Kazaki) herri eta talde sozio-militar nomada dira. Kide guztien askatasuna, berdintasun soziala eta kide ororen adierazpen askatasuna dira historikoki komunitate kosakoen barne-antolakuntzaren oinarriak. Kosakoak aski ezagunak dira herri borrokalaria izateagatik. Hori dela eta kosako terminoa mespretxuz erabili izan da mendebaldarren artean, ezjakintasuna medio. Kosakoen inguruko irudi faltsu bat sortu izan da, beldurra eragiteko asmoz. II. Mundu Gerran armada gorriaren parte izan ziren, Sobietar Batasunaren alde eta nazien aurkako borrokan parte hartu zuten. Ezaugarriei dagokionez, kosakoak eslaviarrak eta ortodoxoak dira eta X. mendean Ukrainako hego-ekialdean (Novorossija historikoan) ezarri ziren. Bertan dago beren jatorria eta hori da Errusiatik edo Ukrainako beste leku batzuetatik etorritako milaka kosakok borroka egitearen arrazoietako bat. Egun, Prizrak brigadarekin batera Novorossijako armada bateratua sortu dute, Aleksei Mozgovoi komandantearen gidaritzapean. "Kosakoek defendatzen dute gure hiria, eta hori dela eta eskerrak baino ezin diegu eman", diosku Luhanskeko biztanle batek. Donbasseko defentsan aitzindariak izanda, herriak kosakoei ematen dien babesa agerikoa da. Azken egunotan Ukrainako armadak kosakoen kontrako borroka argudiotzat hartuz Pervomaisk eta Stakhanov herriak etengabe bonbardatu ditu, hainbat zibilen heriotza eraginez. Baita Slobianoserbsk herria ere, bertan topatu dugun herritar batek esan digu hori bonbardatu berri duten eraikin baten aurrean: "Gaur eraikin hau bonbardatu dute, eta orain dela gutxi Lenin kalea bonbardatzen ari ziren". Slobianoserbsk Luhanskeko ipar-mendebaldeko herri bat da. Umeak futbolean ari dira bonbak orduro jausten badira ere. "Ikaragarria da herri honetako jendearen lasaitasuna", dio gurekin dagoen kazetari errusiar batek.
"Guk defendatzen dugu Slobianoserbsk herria. Frontea gure eskutan dago eta posizioak irabazten joango gara aurrerantzean", dio Kosakoen komandanteak mortero eta grad hotsak gure ondoan sentitzen diren bitartean; "lasai egon, grad bat jaustekotan bota zaitezte lurrera". Herritik buelta bat emanda kosakoen posizio defentsak ikusgai dira, baita kuartelean dagoen destakamendua ere. Slobianoserbskeko herritarrek ere laguntza eskaintzen eta babesa ematen diete beraien herria eta zibilak defendatzera joan direnei.
Iluntzear da eta negu gorria Donbassera heldu da. Termometroa zero azpitik dela igaro behar dute gaua fronteko milizianoek. Komandanteak frontearen lerroak zelan antolatzen diren azaldu digu, ukrainarren "jokaera zikinaz" kexu den bitartean. "Ukrainako gobernuak heriotzara bidaltzen ditu bere soldaduak. Eraso gehienak artilleria astunaren bidez egiten dituzte, populazio zibila izutzeko eta hiltzeko asmoz. Ukrainako soldadu askok ez dute esperientziarik, arropa ezegokiekin eta baldintza txarretan bidaltzen dituzte frontera. Bigarren lerroan Guardia Nazionaleko kideak daude, eta azken linean, posizio ziurrenetan, Pravi Sektor batailoi naziko kideak. Hau da ukrainarren estrategia, jende arrunta heriotzara bidaltzea, frontera joatera derrigortzea, gobernatzen duten faxistak etxean bero-bero dauden bitartean". Herri miliziek ordea "ukrainarrek herrietan dituzten posizio militarrak ez ditugu bonbardatzen, horrek zibil askoren heriotza eragingo lukeelako. Ukrainako armadak hori baliatzen du eta ospitale eta eskoletan ezkutatzen dira", diote milizianoek.
Faxismoaren aurkako erresistentzia
Iluntzear da Slobianserbsken eta Kosakoen komandanteak bertatik alde egiteko gonbita egin digu, bonba hotsak gero eta biziago bilakatzen direla. "Iluntasuna dela eta ofentsiba hastear dago eta egoera oso arriskutsua da". Komandantea agurtu eta kotxea argi barik gidatu dugu segurtasun kontuak direla eta.
Iluntasunean hiru kilometro inguru eman ostean milizianoen checkpoint -era heldu gara. Tiroka hasi dira bat-batean, etsaiari beren presentziaz ohartarazi nahian. Herri-miliziek armak soberan dituzte oso sofistikatuak ez badira ere. Ukrainako estatu kolpearen ostean eman diren desertzioei esker lortu dituzte ukrainar armadari ostutako armak eta bestelako tresna militarrak. Guregandik gertu dauden artilleria posizioak ere entzungai dira. Haien esanetan "ukrainarrek jasotzen duten kanpo-laguntzari esker, gure aldean artilleria bikaina daukate. Infanteria aldetik oso eskasak dira ordea, koldar hutsak dira".
Afaltzen harrapatu ditugu milizianoak. "Hemen ezin dugu argirik erabili, soilik janaria prestatzeko eta gure gorputzak berotu ahal izateko su apal bat". Gau luzea eta hotza eman beharko dute bertan, baina altua da milizianoen morala. Horren seinale " No pasarán ", " Venceremos " edo " Caput Hitler ", edonon eta miliziano ororen ahotik entzungai diren leloak; Kuba, Latinoamerika edo Espainiatik inportatutako aldarri iraultzaileak sarritan erabiliak izaten dira Donbassen, faxismoaren eta inperialismoaren kontrako erresistentzia guda dela adieraziz. Nazien aurkako askapen borroka beti egon da presente Donbasseko herri eta langileen memoria kolektiboan, egungo borrokaren identitatea eta arrazoia eraikitzen lagundu duen ezaugarrietako bat izan da.
Luhanskera itzultzeko bideari ekin diogu. Auto gutxi eta tanke batzuekin soilik gurutzatu gara bueltako bide arriskutsu honetan. Artilleriaren hotsa gertu entzuten delarik, Novorossijako zeru ilunean misilen distira piztu da bat-batean; Bi su gurutzatuen artean, Luhanskera doan errepide txikituan barrena, beldurrak eragindako isiltasuna izan da nagusi bidaia liluragarri honen amaieran. | news |
argia-4ac559da0eb3 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/pribatizatua-irauli-hanburgok-argindar-sarea-publiko-egin-du.html | Pribatizatua irauli: Hanburgok argindar sarea publiko egin du | Pello Zubiria Kamino | 2014-12-07 00:00:00 | Pribatizatua irauli: Hanburgok argindar sarea publiko egin du
Euskaldunok aurrezki kutxa eta beste ondasun publikoak ugazaba handien eskuetan uzten jarraitzen dugun bitartean, alderantzizkoa egitea lortu dute beste leku batzuetan. Alemaniako Hanburgon herritarrek erreferendumean erabaki dute orain hiriko argindar sarea eta bi urte barru gasarena berriro publiko bihurtzea.
Moorburgtrasse-ko zuhaitzak defenditzeko 2009an antolatutako ekintza hark espero baino soka luzeagoa ekarri du Hanburgon. Abendu hartan dozena bat jende igo ziren arboletara, " Moorburgtrasse Stoppen! " kanpainari hasiera emanez. Agintariak baimena ematekotan ziren ehunka zuhaitz mozturik hiru parke zeharkatu behar zituen gas-hodi berriari.
"Parkea gurea da!" eta "Zuhaitzak defenditu ditzagun!" oihukatu zuten hiru hilabetez adar gainetan antolatutako etxola eta plataformetatik. Neguko elur, euri, haize eta ekaitzei aurre egin behar izan zieten, harik eta 2010eko martxoan epaitegiek bermatu zieten arte zintzilik geratzen zela gas-hodiaren proiektua.
Alemaniako hiririk berdeenetakotzat daukaten Hanburgon Vattenfall korporazio suediarra ikatzezko zentral berria eraikitzen ari zen eta ekintzaileek defenditzen zuten parkea zeharkatu behar zuen Elba bazterreko zentral berriaren eta hiriaren arteko gas-hodiak. Moorburgtrasseko borrokalariek lortu zuten gai potoloago bat ipintzea Hanburgeko agenda politikoan: klimaren aldaketaren eta energia berriztagarrien hariari tiraka energiaren jabegoa jarri zuten auzitan.
Hiru urte beranduago, 2013ko irailean, Hanburgoko argindarraren eta gasaren hornitzaileen jabegoa bozkatu dute erreferendumean. Alegia, ea herritarrek nahi duten konpainia pribatuen esku jarraitzea ala berriro, aspaldi bezala, enpresa publikoen jabego izatea. Ekologisten, kontsumitzaileen eta zenbait konfesio erlijiosoren taldeek eginik energia iturrien publikotasunaren aldeko kanpaina, doi-doi izan arren irabazi egin dute galdeketan.
Ondorioz, Alemaniako bigarren hiri handiena den Hanburgok bere gain hartuko ditu argindarra, gasa eta auzoko kalefakzioa (berokuntza komunitarioa da Ipar Europako leku askotan), duela urte batzuk Vattenfall eta E.On konpainiei agintariek saldu zizkieten zerbitzuak berreskuratuz.
Albistearen xehetasunak The Guardian britainiarrean eskaini dituzte Claire Provost eta Matt Kennard kazetariek " Hamburg at forefront of global drive to reverse privatisation of city services " (Hanburgo aitzindari hirietako zerbitzuen pribatizatzea iraultzeko mundu osoan zabaldu den joeran) kronikan.
"Bidean –idatzi dute Provost eta Kennardek– Hanburgok bat egin du munduan zehar pribatizazio esperimentuak amaitutzat ematea erabaki duten hiri gero eta ugariagoekin. 2007tik hona Alemanian bertan 170 udal baino gehiagok pasarazi dituzte energia zerbitzuak berriro esku publikoetara. Mundu mailako 100 hiri handi baino gehiagok egin dute gauza bera ur zerbitzuarekin azken 15 urteotan, tartean Frantziako dozenaka hirik, lehen uraren pribatizazioan aitzindari izan den Frantzian bertan, alegia"
Utikan, Vattenfall eta E.On
Hanburgokoa bezalako erreferendum orok ez du eman fruitu berdina. Berlinen 2011n herritarrek ez zuten babestu ur zerbitzua konpainia pribatuari kentzea proposatzen zuen galdeketa. Hala ere, gero eta hiri gehiagotan ikusten dira mugimenduak azken 30 urteotako neoliberalismoak zerbitzu publikoak, tartean ura eta energia, pribatizatzeko egin duen bidean atzera egin nahian.
Energiaren birpublifikatzea Hanburgon gertatu izanak erakusten du zein indartsu datorren mugimendu berria. Munduko portu handienetakoaren jabe da, globalizazioaren muinean dago, Europaren sal-erosgaietako asko hiri moderno honetatik pasatzen dira. Eta erabaki du energia konpainia pribatuek kontrolatzen zuten aroari agur esatea.
2010ean militanteek ekin zioten " Unser Hamburg, Unser Netz " (Gure Hanburgo, Gure Sareak) kanpainari, Vattenfall eta E.On multinazionalekiko kontratuak amaitzear zirenean. Mugimenduaren barruan, ekologistek uste zuten sareak berreskuratzeak hiriari ekarriko ziola energi iturrien kontrol hobea, lagunduz nuklearretik eta ikatzetik berriztagarrietarako trantsizioan.
Kontsumitzaileen elkarteek argudiatzen zuten Vattenfall eta E.On zirela aldi berean energiaren sortzaileak eta erosleak, eta hori txarra zela erosi behar zieten herritarrentzako. Talde erlijiosoek eta txirotasunaren kontrakoek eransten zieten energi sareek ez luketela egon beharko esku pribatuetan, administrazio publikoak kudeatu beharko lituzkeela. Azkenerako, mugimenduan elkar hartu zuten adineko jende erretretadunek, ikasleek eta kaleko musikari bohemioek.
Alemanian gero eta hiri gehiago dira abiatzen bide beretik. Hanburgoko ingurumen eta hiri plangintzako arduraduna izandako Christian Maasek kazetariei esan dienez, "jendea interesatuta dago gertuko energia hornitzaileetan, eta hau ezin da ezkondu konpainia zentralizatu eta irabazi handietara bideratutakoekin". Fenomeno bera ari da ikusten Amerika eta Asiako hiri askotan.
Birpublifikatzeaz, dena dela, informazio gutxiegi zabaltzen da. Eskuratzen ere ez baita erraza. Lan baliosa egiten dute alor horretan Public Services International Research Unit (PSIRU) eta Transnational Instite erakundeek. Horiei esker dakigu, esate baterako, ur zerbitzuei dagokienez 180 baino gehiago direla aurretik pribatizatutako zerbitzuak berriro kontrol publikora pasatu dituzten hiriak. Badira kasuak Frantzian (Bordele bera, esaterako), Alemanian, Hungarian (Budapest), Argentinan (Buenos Aires), Indonesian, Mozambiken (Maputo)...
Ez dira beti ezkerrekoak izan urratsa eman dutenak. AEBetan agintari kontserbadoreek egin izan dute, horrela komunitateak dirua aurrezten duelako. Beste zenbaitetan konpainiek berek egin dute ihes, etekinik ikusten ez zutelako. Baina gehienetan mugimendu sozialak dira zerbitzu publikoak berriro publiko bihurtzea behartu dutenak.
Hanburgoren kasuan, herritarren artean indarra hartu du energiazko trantsizioaren beharrak. Erreferendumeko galderan energia sarea berreskuratzeaz gain proposatzen zen helburutzat ezartzea "gizarte aldetik bidezkoa, demokratikoki kontrolatua eta klimarekiko jasangarria izango den energi hornidura, iturri iraunkorrek sortua".
Korporazio handiek ez dute interesik proiektu txiki eta ez-zentralizatuetan. Aldiz, udalak bere gain hartzeak ekar dezake energia sistema aldatzea, jendeari prezio egonkorrak eskaintzea, eta hiriak menpekotasun txikiagoa edukitzea urrundik ekarri beharreko erregai fosilekiko. Negu honetan, Hego Euskal Herriko udal hauteskundeetan eztabaidatuko ote da honetaz? | news |
argia-a7055fe9e741 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/eaeko-ikerketa-ereduan-aldaketak.html | EAEko ikerketa ereduan aldaketak | unknown | 2014-12-07 00:00:00 | EAEko ikerketa ereduan aldaketak
Joan den mendean sortutako ikerketa zentroen azpiegitura eguneratu nahi du Eusko Jaurlaritzak 2020rako. Ikerketaren emaitzak enpresetara efizientzia handiagoz hel daitezen, ikerlanen helburuak eta zentroen egituraketa birdefinitu nahi dituzte.
Ikerketa zentroetan, eta batez ere enpresei lotutako ikerketa unitateetan, kezkatuta daude, ez baitakite beren lanean jarraitzeko administrazioaren laguntza izango duten ala ez. Helburuak orokorrak dira, nazioartean ere balioko dutenak, baina horiek lortzeko EAEko marka bat behar da, eta horretarako gure hizkuntzak eta gure kulturak zehar-lerroa izan behar dutelakoan nago. | news |
argia-69a77f443ea0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/kultura-aniztasuna-eta-euskara-aztergai.html | Kultura aniztasuna eta euskara aztergai | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-07 00:00:00 | Kultura aniztasuna eta euskara aztergai
Euskaltzaleen Topaguneak antolatu ditu jardunaldiak abenduaren 12an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Euskara aniztasunean jarri diote izena topaketari eta kultura, hizkuntza eta jatorri asko barnebiltzen dituen gizartean euskara ardatza izan dadin orain arte egin diren esperientziak eta aurrera begirako plangintzak landuko dituzte. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak Euskara, partekatzen duguna dekalogoaren aurkezpena egingo du. Euskara ardatz hartuta lanean ari diren egitasmoen artean Getxoko esperientziaren berri jakiteko aukera izango da. Getxokoaz gain, Auzoko programak Arrasateko eta Aretxabaletako esperientziak kontatuko ditu eta Onki Xin harrera egitasmoak Pasaiakoa. Hizkuntza eta kultura aniztasuna Euskal Herrian gaur, eta horren inguruko jarrerak eta iritziak ikerketaren aurkezpena ere egingo dute. | news |
argia-93f3931cb115 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/gatazkaren-alde.html | Gatazkaren alde | Iv�n Gim�nez | 2014-12-07 00:00:00 | Gatazkaren alde
Gatazkarik gabeko gizarte bat diktadura besterik ez da. Gatazkak, hala ere, "prentsa txarra" dauka: beldurra, indarkeria eta segurtasun eza burura ekartzen dizkigu. Gatazkaren alde egotea talibanengandik edo terrorismotik oso hurbil egotearen gauza bera omen da. Gatazka kontzeptu gaiztoa, erasokorra, biolentoa eta aldebakarrekoa bezala ulertzen da.
Egia da: eguneroko bizitza erosoagoa da beste guztiak bezala jokatzen badugu, eta funtsezko aferetan ados gaudela adierazten badugu (batzuetan isiltzea nahikoa da), betiere gizartearen bizikidetza apal eta lasai baten alde. Askotan, Gabonetako senide afarietan bezala jokatzen dugu arlo publikoan: giro ona eta baketsua ez apurtzeagatik, amore ematen dugu. Tentagarria da korrontearen barnean gure burua joaten uztea. Askoz nekagarriagoa, aldiz, izokina bezala ibaian gora abiatzea.
Hala ere, horrekin konformatzeak badu prezio garesti bat, Tony Judt historialariaren esanetan: "Kontsentsuaren demokraziak ez du demokrazia bezala gehiegi iraungo". Azken finean, zer da kontsentsuaren demokrazia bat? Gauzak dauden bezala jarraitzeko joera politikoa, gehiengo isila tresna bezala erabiliz.
Honen eredurik perfektuena, berriro, Nafarroa da. Egunero entzuten ditugu kontsentsuaren aldeko adierazpenak, egonkortasuna eta berpizte ekonomikoa zaku berean sartuz: hori dena lortzeko gako magikoa itun handi bat omen dela, "diferentzia politikoak alboratuz, interes orokorren mesedetan".
Alabaina, hemen eta mundu osoan, desadostasuna eta uko egitea dira gizarte zabal baten bermeak. Gehiengo apal eta akritiko horren iritziaren aurkako herritarrak behar ditugu, benetako demokraziaren aldeko lana, hain justu, hau delako: oposizio ideologikoa, erroturik dauden printzipioak kolokan jartzea.
Erronka berriei erantzuteko energia ez dugu aurkituko betiko ideien zirkulu itxietan, edo kontsentsu politikora deituz.
Azken finean, desberdintzen gaituenak ematen digu banakako identitatea. Eta gizartean non gauden zehatz azaltzeak gure interesa markatzen du, interes orokorren gezurra azaleratuz. Interes ezberdinen talka horren joko zelaia gatazka da. Eta edozein gatazkaren aterabidea indar korrelazioaren arabera erabakitzen da.
Gauzak horrela, kontsentsua gatazka saihesteko trikimailu bat baino ez da, ahuleziaren seinalea. Horregatik, gatazka demokratikoaren bandera hartzen duena aurrera doa, beldurra arerioen aldera igaro dela agerian utziz. Eta kontsentsu baten eske dabiltzanak kikilduta daude, haserretuen itxura egiten badute ere. | news |
argia-dd1fce2347bd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/etxe-zuria-beltzez-margotu-zuten-ia.html | Etxe Zuria beltzez margotu zuten ia | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-07 00:00:00 | Etxe Zuria beltzez margotu zuten ia
1941eko abenduaren 7an hegazkin japoniarrek Pearl Harborri eraso zioten eta estatubatuarrak etsaiak alde guztietan ikusten hasi ziren –ohi baino gehiago–. Luftwaffek Londres bonbardatu izanak paranoia areagotu besterik ez zuen egin. Hartara, Eguberrien atarian, AEBetako goi kargu militar batek erasoez babesteko protokolo sorta diseinatu zuen.
Bonbardaketak gauez izan ohi ziren, eta horregatik Gabonetako argiak murriztu zituzten,eraikin publiko nabarmenetan batik bat. Etxebizitza partikularretan zuhaitza etxe barruan jartzeko gomendatu zuten. Gainera, eraikin nagusietako kupulak, teilatuak eta terrazak beltzez margotzen hasi ziren, gaueko iluntasunean kamuflatzeko. Etxe Zurian gortina beltzak eta leiho blindatuak jarri zituzten eta fatxada beltzez margotzeko asmoa ere bazuten, Franklin D. Roosevelt presidenteak ezezko borobila eman zuen arte. Baina Laffayette plazako ohiko zuhaitza ez jartzea onartu zuen eta horren ordez aurrerantzean ere Zuria izango zen Etxearen hegoaldeko lorategian ipini zuten. | news |
argia-9e742350f4e0 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/sarean.html | Sarean | Jose Ignazio Ansorena | 2014-12-07 00:00:00 | Sarean
Bi gazte jator etorri zaizkit, Sare mugimendukoak, euskal preso politikoen arazoaz nire iritziak entzutera. Bi ikuspegietatik erantzun diet: nola desio nukeen eta nola uste dudan joango dela.
Euskal herritar gehienok nahi genuke preso batzuk berehala kalera ateratzea, inoiz barruan ez zutela behar iritzita, eta beste guztiak pixkana askatasunerako bidean ipintzea, bitartean hurbileko espetxeetara ekartzen dituztelarik. Gure historiaren orrialde beltz hori erarik onenean eta gupidaz pasa nahi dugulako.
Nola uste dudan joango dela? Espainiako Gobernuak eskuen artean benetako bakea bideratzeko probestuko ez duen aukera duela uste dut. Bikingoek zapaldutako etsaiaren burua moztu eta harro erakusten zuten erabateko garaileak zirela frogatzeko. Horixe Espainiako Gobernuak. Hainbeste aldetatik likiskeria darien zirrikituak agertu zaizkion Gobernuak hementxe du burua altxatzeko eremu ia bakarra. Euskal Herrian ez bezala, Espainian nahikoa ongi ikusia.
Sare mugimenduak liburuxka argitaratu du eta zabaltzeko gonbitea egin. Bertan lau artikulu labur. Castillo Suárezek presoak laguntzeko sarea trinkotzea nahi luke, horri zor zaio bere aburuz orain arte sakabanaketari aurre egin ahal izana. Igor Elortzak eta Jule Goikoetxeak xehetzen dute dispertsioak nolako bidegabekeriak dakartzan. Eta Iñaki Lasagabasterrek –besteek ere alderdi hau aipatzen dutelarik– Europa eta Espainiako legedian oinarrituta, sakabanaketa legearen kontrakoa dela dio.
Nik ere, hainbat aldetatik –senitartekoak, adiskideak, ikasle ohiak, lankideak...– dispertsioaren drama gertu sentitu dut. Liburuaren diskurtsoan, baina, ez dut ekarpen eraginkorrik ikusten. Zein krudela den zabaltzea ongi dago, inor konturatu ez bada. Legearen aldetiko diskurtsoak eztabaidagarriak gertatzen zaizkit, muturreko kasuetan (gaixo terminalak...) ez bestetan, espetxe gutxitan euskal presoak batzeak euren erabilpen politikoa eragin lezakeela arrazoitu baitezake juridikoki Espainiako Gobernuak.
Gobernu zintzoak aukerak baliatu behar ditu arazoak ahal bezain azkar eta ondoen bideratzeko. Horixe du eginkizun. Eta horrela exijitu behar diogu Espainiako edo Frantziako edozein gobernuri. Ezker abertzale ortodoxoari eskatu behar zaion bezala presoak iraganean preso mantentzen ez jarraitzea. Beste guztia literatura da, zoritxarrez ez ona.
Ez gaitezen sare zaharretan katramilatu. | news |
argia-546d09d9f4d5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/morau-eta-benardo.html | "Himno handien garaia da, baina pertsonen istorioak gehiago interesatzen zaizkigu" | Lander Arretxea | 2014-12-07 00:00:00 | "Himno handien garaia da, baina pertsonen istorioak gehiago interesatzen zaizkigu"
Bi urtez Arrainentzako himnoak sortzeko abenturak kontatu ditu Morauk, izen bereko blogean. Lagunen ekarpenak aintzat hartuta, eta hamaika bertsioren ondoren, Beñardorekin batu eta disko batean bildu ditu 16 kantu. Solasaldian, diskoan bezala, Morauk jarri ditu hezurdura eta hitzak, eta Beñardok izan du konponketak egiteko ardura.
Sei urte igaro dira azkenekoz zerbait argitara eman zenutenetik. Zer aldatu da ordutik hona?
Morau: Motibazioa aldatu da, kantuak egiteko gogoa. Lehen ez bezala, orain banuen zerbait kontatzeko nahia. Nire buruari galdetu nion: zer egingo dut musikarekin? Erantzuna izan zen Beñardorekin zerbait egin nahi nuela, soila eta biluzia, distrakziorik gabekoa, eta bestelako modu batera antolatua.
Beñardo: Esperientzian ere irabazi dugu. Musikalki aberatsagoak gara. Urteekin batera, eta beste proiektu batzuetan ere bagabiltzalako, kantak ontzeko gaitasuna handitzen da. Musikari hobeak gara gure txikitasunean.
Morau: Gure mugen jakitun izatea ere oso garrantzitsua da, lotsarik eta konplexurik gabe aritzea. Beldurrik gabe erakutsi dugu zer den egiten duguna.
Arrainentzako himnoak bloga izan da horretarako plaza. Nola etorri zitzaizun burura prozesu guztia kontatzeko asmoa?
Morau : Gogoeta oso sinplea da. Konturatu nintzen kantuak egiten baditut ez dela musika menperatzen dudalako edo teknika izugarria dudalako. Kantuak egiten ditut istorioak kontatzea gustatzen zaidalako. Gaur egun horretarako inoiz baino tresna gehiago ditugu; gero eta bitarteko gehiago, bitartekaririk gabe. Eta otu zitzaidan: zergatik ez dugu kontatuko musikariok sekula kontatzen ez dugun hori? Lan handia eskatzen dit kantuak sortzeak; noan kontatzera eta norbaitek ekarpenik egin nahi badu, emango diot horretarako aukera.
Izan dute eraginik blogean emandako iritziek?
Morau: Eragin nahi izan duenak eragin du. Nabaritu dut jendeari zure abestia zer iruditu zaion galdetuz gero, asko errespetatzen dutela besteen sorkuntzatik datorrena. Sortzaileok erreparoa dugu gure lana erakusteko, baina besteek ere badute gure lanean eragiteko beldurra. Lortu duguna da berrogei edo berrogeita hamar lagunek prozesu guztia oso hurbiletik jarraitzea.
Beñardo: Bai, baina dena dela, Morauk egindako lana aperitifa zen oraindik. Gero ni lanean jarri naizenean hasi da musikalki kantuak moldatzeko prozesua.
Hortaz, Morauk egin du diskoaren oinarria, eta gero Beñardok orden pixka bat jarri du.
Beñardo: Ordena eta desordena, bai. Izan ditugu tirabirak normala den bezala, baina urte asko daramatzagu elkarrekin eta ikasi dugu elkarren alde on eta txarrak orekatzen.
Morau: Elkarrekin egiten dugun laugarren diskoa da, eta maila horretan, inoiz baino askatasun handiagoa eman diot. Benetan izan da elkarlana, eta hasieratik saiatu naiz, beti lortu ez arren, prebentzio neurri guztiak lausotzen eta lasaitzen. Horregatik da Morau eta Beñardoren diskoa, Morauren beste disko bat izan beharrean.
Bat-batekotasunak agintzen duen honetan, bi urteko prozesua da mahai gainean jarri duzuena, publiko handiarengana heltzeko asmorik gabe. Korronte kontra eroso sentitzen zarete?
Morau: Guk gure burua ikusten dugu bere barazki propioak lantzen dituen baserritarraren moduan. Lantzen ditugun tomateak ez dira denak perfektuak, ez dute plastiko eta edukiontzi perfektua, baina zaporea badute, eta guk bilatu dugun publikoa zapore hori maite duena da.
Txikitasuna, gainera, balore bat da, horrelako prokuktuak egiteko aukera ematen baitigu, hanka sartuz, probak eginez, esperimentatuz, baina zintzoki aitortuz gure akats eta gabeziak zeintzuk diren. Industria hankaz gora eta txikituta egonda ere, gure ingurua proiektu txiki interesgarriz josita dago. Hori da gu erakartzen gaituena.
Kronista adjektiboa jarri izan dizute, Morau, eta gustura hartzen duzu zuk. Politologoentzat bezala, badira garai interesgarriak musikari kronistarentzat ere?
Morau: Beti dira garai interesgarriak kantautore kronista batentzat. Mundua oso lehengai ona da beti.
Beñardo: Garai hauetan, behar genituzke musikari kronista gehiago, umorez eta espiritu kritikoz munduaren gazi-gozoak kontatzen dituztenak modu pertsonalean.
Morau: Horrek lotura du arrainentzako himnoa k kontzeptuarekin. Egun himno eta lelo handien garaia da, baina guri behintzat kantuak egiteko beste gauza batzuk interesatzen zaizkigu: istorioak, gorabeherak, jarrerak…
Horregatik egin duzue Leteren Gizon arruntaren koplak gaurkotzeko ahalegina?
Morau: Xabier Leterena garaiko gizartearen goitik beherako disekzioa da. Eta zer gertatuko litzake Leteren begirada zorrotz hori gaur egungo gizarteari aplikatzen ahaleginduko bagina? Hori izan da nire ahalegina, bere umore, garraztasun eta zorroztasun hori ekarri nahi nuen gure egunerokora. Kantu hori da gainera diskoan daudenetan zaharrena, buruan nuen aspalditik.
Beñardo: Bertsioa ere ez da, musika aldatu baitugu. Bigarren zatia izan daiteke akaso.
Morau: Aurretik egindako zerbait baliatu dugu, baina ahal beste mantenduz Xabier Leteren zorroztasun hori. Harekin alderatu nahi izan gabe, jakina.
Bada diskoan istorio bat kontatzeko balio duen beste kanta bat: Arma, txio, pum .
Morau: Bai, anekdota ederra da. Kantuen sorkuntza prozesua amaitua nuen hamabost kanturekin, baina orduan hainbat euskal presoren abokatuak atxilotu zituzten Bilbon. Barne Ministerioak atxiloketak egin aurretik filtratu zituen twitterren, eta sekulako zalaparta sortu zuen horrek. Egun hartan twitterreko erabiltzaile batek erronka bota zidan, horren gaineko kantu bat egin behar nuela esanez. Amuari kosk egin eta bi egunetan idatzi nuen azkenean hamaseigarrena izan dena.
Beñardo: Eskerrak ez zituzten gehiago eskatu, bestela 20 kantakoa aterako zitzaigukeen.
Kanta guztiak sarean daude entzungai, baina disko fisikoak ere egin dituzue, objektuari garrantzia handia emanez, gainera.
Beñardo: Bildumazale garenontzat plazera da objektuaz gozatzea, nahiz eta guk ere, MP3an entzuten dugun musika gehienetan…
Morau: Diskoa beti izan da objektu, baina orain objektu industrial arimarik gabea da kasu askotan. Hala ere, gero eta jende gehiagok ematen dio bere lanari ikutu pertsonala eta balio erantsia, eta hori egin dugu guk ere.
Diskoak proiektuaren ildoa jarraituz egin ditugu, auzolanean, lagunartean. Guk dugun gauzarik bereziena gure nortasuna eta gure lagunena da, eta hori da diskoari eman nahi izan dioguna. Jendeak eskertu egin du gainera. Egia da abestiak sarean doan jartzeak lasaitasuna eman digula. Diskoa gutizia bat da, benetan estimatuko duenarentzat sortua.
Zure abestiak ingelesera itzuli ditu Ixiar Artolak, eta nahi gabe bada ere, irakurtzean beste maila bat hartu dutela iruditu omen zaizu. Horren anglofiloak gara?
Morau : Pop eta rock musika zaletuon ezaugarri bat da. Ohituta gaude musika ingelesez entzuten, eta nik bezala ezer gutxi ulertu arren, gehien gustatzen zaizkigun kantak ingelesez dira. Badago, baita ere, ingelesez denak balio handiagoa duela pentsatzeko joera, edo euskal artista batetzat musika ezin daitekeela bizibide izan… Horrek ez du zertan hala izan. Edozein hizkuntzatan esanda ere, zer eta nola esaten duzun da garrantzitsuena. Unibertsalago ez gaitu ingelesak egiten, gure burua konplexurik gabe erakusteak baizik.
Zuzenekoen txanda duzue orain. Nekeza da zuena moduko emanaldietarako tokia aurkitzea?
Morau: Zorionez, aspaldion gertatu den fenomeno interesgarrietako bat, musika zaletasuna bultzatzen duten espazioak sortu izana da: Kafea eta Galletak, Motz taberna… Gero eta zirkuito zabalagoa dago. Toki txikiak dira, baina hori da gure ingurune naturala.
Beñardo: Eta antolatzaileak ere musikazaleak dira, musika estimatzen duen jendea. Asko eskertzen da hori. Musikariontzat pozgarria da, nahiz eta baldintza ekonomikoak onak ez izan, antolatzen ari denak egiten duguna estimatzen duela sentitzea. | news |
argia-042dfc948d05 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/kike-amonarriz.html | "Belaunaldi bakoitzak erabakiko du euskara mantentzen duen ala ez" | Miel Anjel Elustondo | 2014-12-07 00:00:00 | "Belaunaldi bakoitzak erabakiko du euskara mantentzen duen ala ez"
Hogeita hamalau urte eta gero, agur esango digu Kike Amonarrizek Argiako irakurleoi. Agurraren garaian, hizketan lotu gatzaizkio, txistetik hasirik. Bada irribarrea, eta irribarrea besterik ere bai. Agur, bada, baina ez adiorik!
Kantari gatoz kopla zaharra: " Hauxe da despedidea / hauxe da despedidea / despedida honen tristea / agur aita eta ama /agur anai arrebea /agur anai arrebea /hauxe da despedidea ". Txiste kontatzeari utziko diozu Argian.
Ez dakit agurra den, baina eten bat bai, behintzat. Nekea ere sumatzen nuen, eta hogeita hamalau urte eta gero etentxoa egiteko garaia dela iritzi nion. Betiko izango den ez dago esaterik sekula. Neke apur bat, ez da besterik.
Txorakikeriak berriaren azala ere ikusi dugu: Mona Lisa da, baina zeure aurpegia eta irribarrea ageri ditu!
Txiste txar batetik sortua da. A-mo-na-rri-z (a), bada, Mona Lisa bat egingo dut neure aurpegiarekin. Liburuaren edukia islatzen duelakoan nago, urteetako bilketa, moldaketa eta egokitzapen lanaren fruitu da. Irribarreak, kasu honetan, are gehiago erakusten du barrenean dagoena, barre algara baino. Hemengo umorea kritikoa da, gogoetarakoa ere bada… Eta bestalde, neure buruaz barre egiten saiatu naiz: pertsonaia asko tolosarrak dira, gizonezkoak, euskarari buruzko materiala ere dezente, politikari buruzko txisteak ere ez gutxi, pentsarazi egiten dizutenak.
Euskal filologian lizentziaduna zaitugu, soziolinguista, telebista aurkezle… Zer duzu umorea zure lan profesionalean, soziolinguistarenean bereziki?
Hizkuntzaren funtziorik nagusietakoa funtzio ludikoa ere bada, eta soziolinguistikak funtzio hori kontuan hartzen ez badu, gaizki gabiltza. Hizkuntza, berez, bata bestearekin komunikatzeko da, herri bat eraikitzeko, komunitate bat trinkotzeko, eta horretarako, derrigorra du umorea, ludikotasuna, hizkuntza beraren erakargarritasuna, erabilgarritasuna, aberastasuna. Umorea lantzeko ere, hizkuntza tresna da. Zenbat eta hizkuntza aberatsagoa, zorrotzagoa, herrikoiagoa, orduan eta umore noranahikoagoa izan genezake. Horixe gogoan sartu nintzen txiste afarietan. Haien helburua soziolinguistikoa zen. Gero, Txiskola etorri zen ETBn, eta haren helburua ere, batez ere, soziolinguistikoa zen. Eta soziolinguistikari buruzko hitzaldietan ere, umorea funtsezkoa izan zait, mezuak helarazteko. Horrekin batera, umorea nahitaezkoa da gazte hizkera lantzeko. Ate asko zabaldu dizkit umoreak, eta soziolinguistika jardueraren zenbait norabide ere umoreak argitu dizkit.
Umorea, soziolinguistika, telebista…
Dena lotuta ikusten baitut! Nire obsesioetakoa izan da, nola lortu hizkuntzaren aldeko jarrerak zabaltzea. Ikusle, irakurle, hiztunak erakartzea, geureganatzea. Nola lortu gure diskurtsoak, gure produktuak ahalik eta gehienengana iristea. Hortik jo dut beti. Gogoratzen naiz, behin, Tolosaldea berreuskalduntzeko elkartea sortu genuenean, 80ko hamarkadan, gure galdera: "Zer egingo dugu jendea erakartzeko?". Bertso jaialdiek jendea biltzen zuten, baita hitzaldiek ere, baina besterik behar genuen, eta horrela antolatu genituen txiste afariak, ordurako Iparraldean egiten hasita zeudenak. Eta sekulako arrakasta! Txiste afarietan jendea pozik ikusi nuen, barrez, hizkuntzarekin gozatzen, txisteak euskaraz konta zitezkeela sinesten… Horixe izan da bidea.
Tribuaren berbak saioraino irauten duen bidea…
Horretan nago ni. Helburu bat nuen saioari ekin nionean, gure tribua nola ari den erakustea, noraino iristen den, zein anitz den, zein interesgarri, zenbat gauza dauden gure tribuaren barruan. Askotan ahaztu egiten zaigu nola ari den gure tribua! Behin eta berriz esan digute txikiak garela, ahulak, gureak ez duela ezertarako balio… Sinetsi dugun arte! Tira, ez gara hain handiak, badakigu nola gauden, gure egoera ahula dela, ia-ia desagertzeko arriskuan egotetik gatoz… Hori dena badakigu, baina Tribuaren berbak eginez, bestelako ikuspegi bat erantsi nahi dut: "Horrek ez digu aurrera egiteko balio. Aurrera egiteko, bestelako ikuspegi bat, bestelako jarrera eta aldarteak behar ditugu". Tribuko elkarrizketatuei horixe esaten diet beti: "Errealitatea dena da, eta kontatu egin behar dugu, izan gordin edo gozo; esan nola ari garen, ondo ala gaizki; hoberantz goazen ala okerrerantz. Baina bukaeran, irrintzi bat behar dugu. Aurrera egin behar dugu!". Baten batek esan izan du: "Programa baikorra da". "Zaude! Programak ez du egoeraren irakurketa baikorra egiten, baina egoera edozein delarik ere, baikorra da jarrera, eta horrela irabazten dira partidak!". Hori transmititu nahi izan dugu, eta hori espiritu umoretsua da!
Zenbat herri gure tribuak! Beti-betiko lekuak ez ezik telebistan agertu ohi ez direnetan ere bada tribu: Tutera, Lapuebla Labarka, Tafalla…
Mihiluzen ere bagenuen kezka hori: gu Euskal Herrian gaude. Inork ezin du jakin nondik egiten den gure saioa, nondik abiatzen garen, dela Bilbotik, dela Iruñetik, dela Baionatik. Euskal Herrian dugu fokua jarria, ez da Gipuzkoatik begira egiten den programa, ez: Euskal Herritik Euskal Herrira begira egiten da. Horixe da gure tribuaren aniztasuna. Gu, izan ere, tribuaren lurraldean mugitzen gara, Euskal Herrian, baina ez Euskal Herrian bakarrik. Skype bidez nahiz furgonetaz, tribua dagoenera hurbiltzen gara: Montevideon zuberotarrez ikasi duen Carlos Costarekin izan gara, Madrilen Carlos Cidekin mintzatu gara… Tribukide dira, euskal herritar ez izanagatik ere, Bartzelonako euskaldunen moduan. Edo Maria Spandini greziarra eta José Miguel Ramírez kolonbiarra, tribukide. Hori bai, tribuak bizirik jarraituko badu, Euskal Herria behar du, horixe du bere gune geografikoa, eta gainera, Euskal Herrian bertan gune indartsu bat behar du, egoera onean, behar ditu arnasguneak herri eta hirietan, behar du geografikoki zabaldu, demografikoki indartu, lurraldea berreskuratu… Hori guztia ere behar du.
Etxegabe da tribua? Beti kalean zuek…
Programaren formatuari lotua dago hori. Hasi aurretik esan genuen: "Ezin dugu euskarari buruzko saioa egin, atzean liburuz betetako apalak dituzten pertsonak –gizonezkoak, gehienak– elkarrizketatuz". Irudi horrek adierazten du programa jende jakin batentzat dela, eta, juxtu, gure programa jende jakin horrentzat ere bada, baina ez batez ere horientzat. Kaleak airea ematen du, berriketa. Kalean ezin da "morfosintaxi" esan, besterik esan behar da. Kaleak hizkera herrikoia, ulergarria erabiltzen laguntzen gaitu, hizkera teknikotik aparte. Tribuaren berbak-en armarriak hiru hitz ditu: "Argi, labur, mamitsu".
Euskaldun zaharra, berria da tribua?
Tribua euskalduna da, eta euskaltzalea da. Euskaldunberri kontzeptuaren inguruan bada eztabaida interesgarri bat, ezabatu behar ote dugun. Ni euskaldunberri kontzeptua mantentzearen aldekoa naiz eta badut arrazoi bat: euskaldunberrien ahalegina nabarmentzeko modua egiten duelako. Euskaldunberri izateak adierazten du, adin batetik aurrera, gutxi jakinda edo batere ez, euskararen ikasketa prozesuari heldu eta ikastera iritsi den pertsona. Multzo garrantzitsua da, eta gure lehen programetako batean euskaldunberriaren monumentuaz aritu ginen. Multzo kualitatiboki ezinbestekoa izan da gure normalizazio prozesuan, eta merezi duena baino aitortza txikiagoa jaso du orain arte. Bestalde, zenbait egoera azaltzeko ezinbestekoa da euskaldunberria. Balio handikoa da, errespetu handikoa. Gainerakoan, gure tribuan denetariko euskaldunak ditugu, eta horixe erakusten saiatu gara: tribuan mundu guztiak dauka sarbidea, adin, jatorri, kolore eta pentsaera guztietakoak. Guztiontzako kalea egiten saiatu gara tribuan, euskara eta euskarazko komunikazioa helburu duena. Horrekin bat datorrenak, erraza du sarbidea gure kalean: esparru komun bat, non euskaraz bizi, komunikatu eta gozatu nahi duenak horretarako aukera izango baituen.
Harrigarri zait zenbat eta zenbat jende ari den euskararen gainean gogoetan.
Bada horretarako arrazoirik, edo nik hala interpretatzen dut, behintzat. Aldaketa garaia bizi dugu, aldaketa asko bizi izan ditugu urte hauetan, aldaketa guztiak batera: noiz sortu zen ETB, noiz euskararen legea, noiz euskaltegiak, noiz euskararen erakunde nagusiak, noiz hasi zen euskara batua indartsu sozializatzen? 80ko hamarkadan. Gaur egun normaltzat jotzen ditugun gauza askoren abiapuntua orduan dugu. Orduan gazte ginenok eta orduan heldu zirenek abiada eman zioten orain nahiko egonkortua dagoen prozesuari. Orain, berriz, 2010etik honako hamarkadari begira jarri eta esan behar da 80ko hamarkadan jaiotako belaunaldi hura kalean dagoela, gurasotzen ari dira, lan mundura sartzen: ETB izan dute, euskara batua, testuliburuak, euskararen aldeko praktika, euskaldunberriak dira asko, errazago kontsumitzen dituzte gaztelaniazko produktuak euskarazkoak baino…
Eta, hala ere…
Euskalgintza, iristen den lekura iristen da. Gure helburuak ez dira betetzen ari, asko egin da, baina frustrazioak ere baditugu. Euskara ez da erabiltzen guk nahi edo espero genuen neurrian. Ezinean ari gara arlo askotan. Bestalde, momentu sozio-politikoa berria da, krisi ekonomikoa ere hor da, etorkin berriak etxean ditugu… Alegia, 80ko hamarkadan baliagarri zitzaizkigun kontzeptu eta eskemak ez zaizkigu baliagarriak gaur egun. Egoera sakon aldatu da: gure hizkuntza komunitatearen ezaugarriak erabat ezberdinak dira. Testuingurua ere erruz aldatu da: gure gaztetan euskara eta gaztelania entzuten ziren herriko plazan; gaur egun, 8-10 urteko neska-mutilak gaztelania, euskara, ingelesa eta besteren baten berri ere badu! Elebakartasuna deskatalogatuta dago, baita elebitasuna ere, eleaniztunak dira gure seme-alabak, bai musika kontsumoan, bai sare sozialetan. Kontzeptu berriak behar ditugu gaurko egoera ulertzeko, aurrera egiteko.
Eta nola egin aurrera?
Askoz ere konpromiso sozial eta politiko handiagoa behar dugu, akordio handiagoa normalizazioaren inguruan. Bestelako kontzeptu, dinamika eta entendimentuak behar ditugu. Aurrera begira, jauzi kualitatiboa egiteko garaia dugu. Hor bada irudi bat, Jon Sarasuak Hiztunpolisan eman duena: botila erdi hutsarena, eta Jonek dio: "Baina botilak zuloak ditu; betetze erritmoa mantentzen ez bada, gehiago irtengo da, sartu baino!". Kontuz, beraz, esparru batzuetan irabazten eta beste batzuetan galtzen ari baikara. Eremu geografiko batzuetan, eremu sozial batzuetan, irabazten, eta beste batzuetan galtzen ari gara, eta horretan izango gara ondoko urteetan. Aurreikuspen handiagoak jarri genizkion geure buruari, erreferentziarik ere ez genuelako, eta kontuz ibili behar dugu, gehiegizko frustrazioak ez baitira onak inoiz izan.
Ruper Ordorikaren kantua: "Egin kontu / bost mila zazpiehun / kultura ezberdin / desagertu dira historian. / Esaten dutenez / aurrerabidea / elkar jan horretan / oinarritu da mendeetan zehar"…
Zazpi mila hizkuntza munduan. Hizkuntza erraldoiak, hamabi. Horiek beste maila batean ari dira jokatzen. Bestalde, estatu hizkuntzak ditugu; horiek abantaila handiak dauzkate, baina estatu hizkuntza guztiak ere ez daude gu baino hobeto. Are gehiago, zenbait alditan, gu estatu hizkuntza batzuk baino lehenago iristen gara; Wikipediako artikulu kopuruan, adibidez. Gizarte honetan bada gutxiengo aktibo bat, gutxiengo horrek ekarri gaitu hona, eta gu horren partaide gara. Gutxiengo aktibo hori benetan aktibo da Euskal Herrian, eta horrela lortu dugu lortu duguna. Bada, munduko hizkuntza gutxituen artean –katalana aparte–, euskara da erreferentzia nagusia! Erreferentzia Europako hizkuntza gutxituentzat eta munduko askorentzat! Erantzukizuna dugu komunitate eta herri bezala, eta garrantzitsua da ideia hori ere hurrengo belaunaldiei transmititzea. Hemendik aurrera, belaunaldi bakoitzak erabaki beharko du euskara mantentzen duen ala ez, eta zein neurritan, denok eleaniztun izango baikara, neurri handi edo txikiagoan. Giroak eta garaiak erabakia baldintzatuko du, baina belaunaldi bakoitzak hartuko du erabakia. Eta erabaki horretan, kontuan hartu beharko dugu erreferentzia garela beste komunitate askorentzat, eta guk ez badugu aurrera egiten, gurekin batera tropel osoa joango dela atzera. Horixe dugu erantzukizun erantsia. | news |
argia-a443dfe091a2 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/publizitate-instituzionala.html | Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3 | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-07 00:00:00 | Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3
Erakunde publikoek milaka euro bideratzen dituzte publizitate instituzionalera. Euskal Autonomia Erkidegoan, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hainbat publizitate eta informazio ekintza mota bideratzen dituzte hedabideetara, hala nola, kanpainak, iragarki ofizialak eta babesak. 2013an, Eusko Jaurlaritzak 4.782.184 euro erabili zituen hedabideetan eta bestelako euskarrietan kontratazioak egiteko (euskarazko hedabideak sustatzeko erabili zuen diru-laguntzaren pare: 4.875.000). Publizitate horren diru kopuruaren %2,96 bideratu zuen euskarazko hedabideetara.
Eusko Jaurlaritzak 2013an publizitate instituzionalean gastatu zuen diru kopuru osoa aipatu berri duguna baino handiagoa da. Zaku osoa 5.702.311,87 eurokoa izan da eta bi zatitan banatzen da. Batetik, publizitatearen sormena, ekoizpena, lokuzio eta irudi eskubideak ordaintzen dizkie enpresa esleipendunei, eta bestetik, hedabide eta bestelako euskarrietan publizitatea sartzeko kontratazioak egiten ditu. Diru kopururik handiena bigarrenean dago: 4.782.184,70 euro. Hedabideetara bideratutako diru poltsa horretatik, gaztelaniazko komunikabideek %97,04 jaso dute eta euskarazkoek %2,96. Publizitate instituzionala jaso duten euskal hedabideak ondokoak dira: Anboto, Argia, Berria, Gaztezulo, Hamaika TB, Hirinet, Bizkaia Irratia, Entzun! eta Euskal Herria . Hekimeneko (Euskal Hedabideen Elkartea) kideak soilik kontuan hartuta, portzentajea %2,48 da. Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatu duena eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabide ez publikoei emandako diru-laguntzak alderatuz gero, kopuruak oso antzekoak dira: 4.782.184,70 euro publizitatean eta 4.875.000 euro diru-laguntzetan.
Publizitate bidez, 4.678.271,51 euro gaztelaniazko hedabideetan, 103.913,19 euro euskarazkoetan. Desoreka nabarmena da, %2,96 euskal hedabideetan. Alde batetik, euskarazko hedabideek merkatuan duten hartzaile kopurua %2,96 baino handiagoa da, eta bestetik, publizitate banaketa horrek euskaldunak, hedabideak euskaraz kontsumitzen dituen herritar sektorea, kanpo uzten ditu. Desorekaz galdetu diogu Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariari: "Desoreka begi-bistakoa da. Euskal hedabideek %3 hori baino askoz ere esangura komunikatibo handiagoa dute. Euskarri guztietan presente daude, eta haiek dira euskararen hiztun komunitatearekin lotura ziurtatzen dutenak. Irizpide politiko eta linguistikoen ikuspegitik, portzentaje hori ez da inola ere egokia".
Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak euskarazko hedabideetan kontratatutako portzentajeak aztertuz gero, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarena da altuena: %5. Euskarazko hedabideetan 28.951 euro kontratatu ditu. Kopuru absolutuak kontuan hartuz gero berriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da euskarazko hedabideak gehien kontratatu dituena: 32.456 euro. Deigarria da euskararen normalizazioa sustatzeko eta babesteko ardura duen sailak diru kopuruaren %4,57 baino ez bideratzea euskarazko hedabideetara. Euskarazko hedabideak gutxien kontuan hartu dituen saila Segurtasun Saila da; 9.370 euroren balioko kontratazioak egin ditu, guztiaren %0,98. Gainerako sailen artean ez dago alde handirik.
Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko 6/2010 Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak bi txosten egin behar ditu urtero: amaitutako urteari buruzko memoria bat eta hasiko den urterako plan bat. Eman ditugun datuak 2013ko memoriakoak dira. Bi dokumentu horiek Legebiltzarrera bidaltzen dira urte bakoitzeko saioen lehen epealdian (otsailaren 1etik ekainaren 30era).
Foru Aldundiak
Eusko Jaurlaritzaren 2013ko memoria interneten aurki daitekeen moduan, foru aldundien txostenik ez dugu aurkitu sarean. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digunez, EH Bildu talde politikoak Batzar Nagusietan gai horretaz galdetu du, eta gaia landuko dute, baina instituzioa eta ahaldunak errespetatzeko asmoz, Batzar Nagusietan datuak ezagutzera eman arte ez dute informazioa zabalduko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urtez geroztik publizitate instituzional guztia Komunikazio zuzendaritzatik bideratzen du eta iaz hasi baziren ere, publizitate banaketaren informazio zehatza jasoko duen dokumentuaren aurrelana bukatzen ari dira, eta beraz, aurki aurkeztuko dute 2014koa. Publizitate banaketa egiteko irizpideez galdetuta, Xabier Lekuonak adierazi digu 1994ko foru araua dagoela, bere ustez, zaharkitua, besteak beste prentsa idatzia baino ez du kontuan hartzen. Arau horrek lau ardatz ditu oinarri: berdintasun irizpidea, proportzionaltasuna, eraginkortasuna eta euskara. Foru Aldundiak hedabide publikoak eta euskarazkoak lehenesten ditu, baita tokikoak ere. Euskarri oro kontuan hartuta, 70 hedabide baino gehiagotan jarri dute publizitatea 2014an. Foru arauak dio publizitatearen %8 euskarazko hedabideetan sartu behar dela. Lekuonak aurreratu digunez, 2014ko txostenak dio publizitate gehiago sartu dela euskarazko hedabideetan gaztelaniazkoetan baino. | news |
argia-98b70f1fbd75 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/ni-banoa.html | Ni banoa | Danele Sarriugarte Mochales | 2014-12-07 00:00:00 | Ni banoa
Ez naiz saiatu ere egingo. Iskin egiten. Gaiari. GAIARI. Ebentoari. Munstroari. Eta, hortaz, nire pendulu-izaera onartu, eta kontua ez ebitatzetik harago, erdigunera ekarriko dut euskal kultura delako hori zentro bilakatzen den garaia. Albistegien ardatz, gaztelaniazkoena ere, @aranagoiri-ren bertxiokatze kanpaina masibo eta batzuetan beldurgarri (jendeak botatzen dituenak ikusita) horietako baten merezidun (#kilolitroetan egin zuenaren ildotik)... Durangoko Azokaz ari naiz, noski.
Beste lurralde batzuetan barrena ibiltzeko asmoz nenbilen, baina ordenagailuaren aurrean ipintzerako, edo, ordenagailuaren aurrean ematen ditudan ordu luzeetako puska bat honen idazketari eskaintzerako, beste norbaitek jada esanak zituen nik esan asmo nituenak; gainera, eta larriagoa dena, nik erabili asmo nituen erreferentzia berberez baliatu zen nik idatzi asmo nuena azkenean kaleratu zuena, eta horrekin bai akabo: zein naiz ni aipamenik gabe? Orduan, mirari baten antzera jazo zitzaidan, jaso nuen email hura: Azokaren atariko alean argitaratzekoa zen, hain justu ere, nire Zirta.
Aitzakia tematikoari heldu behar nion, bai ala bai. Dena dela, arrazoiren bat behar nuen hautu hain ez-originala zuritzeko, bazeudelako okasioa kudeatzeko bestelako moduak ere; adibidez, besterik gabe, kasu zipitzik ez egitea, edo, bestela, plaza ezezagunagoei buruz jardutea, esaterako BALA Bilboko Arte Liburuen Azokari buruz (abenduaren 11tik 14ra arte-liburuak, fanzineak, tailerrak eta kontzertuak), edo Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministez (Ondarroan, abenduaren 13an, mintzaldiak eta hausnarketak). Azkenean, hizpidea berez nahiko estandarra zenez, erabaki nuen, alderdi formala irauli ordez, edukia eta forma banaezinak izatearen kontu hori probestu eta artikulua erabat tradizional eta aurreikusgarriki planteatzea, alegia, hitzorduari hutsik ez egiteko arrazoiak ematea, honako galdera ezin tipikoagoa abiapuntu: zergatik demontre joan beharko luke idazle-gai batek Durangora, neskagazte bat izanda?
Bada, hasi eta buka, literatur jendea bene-benetan ezagutzeko aukera izango duelako. Eta ez beti aipatzen den topiko hori dela-eta, hots, standean liburuak sinatzen/saltzen egongo direnez eurekin aurrez aurre hizketalditxoa egiteko paradarengatik, ezpada Durango delako euskarazko literaturlari gehienak zinez garrantzitsuak izango balira bezala tratatuak izaten diren okasio bakarrenetakoa, gainontzean okindegira edo sendagilearengana joaten direnean, edo nortasun agiria erakutsi behar izaten diotenean bulego ofizialetako langileei, ez baitute sekula errekonozimenduzko bekain-altxaldi edo hitzik aditzen, eta hiruzpalau egunetako aitortza durangarrak, euren tribu-kideez inguratuta, zuzenean jotzen baitie ego minduan, sorbaldak zuzenarazten dizkie eta solasaren kontinentzia laxatzen, batez ere basoa eskutan dutela harrapatzen baditu gure balizko neskagazte idazlegaiak.
Bai, Azoka abagune aparta izango da neskagazte letretan hasiberriarentzat, badaezpada despistatuta bazebilen eta kontrakoa sinesten bazuen, egiaztatzeko literatoen elitea ere gizonez eta gizonki osatuta dagoela funtsean. Aukera itzela, halaber, trapu zaharren batzuk batzeko eta, ondoren, horiekin norbaiti xantaia egiteko, edo, bestela, egon ere badauden konplizeekin elkartuta, euskal literaturaren munduko konbentzioak, hipokresia eta makillatutako matxismoa lau haizetara salatzeko. Pikutara bidaltzeko. | news |
argia-e2b00f738f56 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/asuna-irabazian.html | Asuna irabazian | Jakoba Errekondo | 2014-12-07 00:00:00 | Asuna irabazian
Asuna ( Urtica dioica ) irabazian dago. Osinak nitrogeno asko duen lurra atsegin du. Gure inguruko landarea da ukuilu, korta eta etxeetan. Katuen mugarrien barruan, beti dago simaurra ez bada minda. Horrek asuna dakar. Asuna landare magiko da natura eta biodibertsitatearen ikuspegitik. Ikaragarrizko lanak egiten ditu: jaki ona da eta sendabelar osagai aparta. Guretzat eta beste landareentzat ere. Argazkiko asun sorta inaurkin edo usteltzen ari den lur pilaren aldamenean, nitrogenoa erruz askatzen ari denaren ondoan, irabazi ederrean dago. Mardul asko. | news |
argia-cb7cfc837c94 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/legalitate-trantsizioa-katalunian.html | Legalitate trantsizioa Katalunian | Asier Blas Mendoza | 2014-12-07 00:00:00 | Legalitate trantsizioa Katalunian
Kataluniako Gobernuak indarkeriaren monopolioaren transferentzia demokratikoa lortu nahi du jatorrizko (Espainiako) Estatuaren legalitatearen baitan. Baldintza horietan, Estatu berriaren nazioarteko aitortza automatikoa izaten da. Hala ere, erreferenduma baimentzen duten jatorrizko estatuek abantaila handiak dituzte sezesio prozesua geratzeko, besteak beste hiru arrazoirengatik:
A) Jatorrizko Estatuak erreferendumaren baldintzak eta denborak negoziatzeko abantaila du. B) Estatu batek erabakitzeko eskubidea onartu badio lurralde bati, erreferendumean botoa eman behar dutenen arteko parte batek independentziak sor dezakeen ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean ezezkoaren alde egin dezake, sezesioa gauzatzeko denbora izango duela pentsatuz betiere. Eta C) Jatorrizko Estatuak estatu aparatu osoa dauka bere zerbitzura erreferendumaren kanpainan eta aurretik bere aldeko posizioak sendotzeko.
Bestela esanda, erreferenduma hasieratik adosten bada ez da egongo muturreko tentsio egoerarik eta horrek zaildu egiten ditu independentziaren aldeko posizioak indartzea. Katalunian, ordea, gertatzen ari dena kontrakoa da, tentsioa igotzen ari da nazio izaera aitortzeko eskaera ukatu diotelako eta ondoren erabakitzeko eskubidea ukatu nahi izan diotelako. Espainiak geroz eta beranduago adosten badu erreferenduma egitea Katalunian, orduan eta ahulagoa izango da bere posizioa agenda kontrolatzeko eta sezesioa saihesteko.
Azaroaren 9ko kontsulta zerbaitengatik izan bazen arrakastatsua, desobedientzia zibileko ariketa neurtua izan zelako da, mugatua baina oso adierazgarria lortu zuen babes mailarengatik. Botere esparru soberanoa irudikatu eta egikaritu zen Espainiako Estatuaren kontroletik kanpo. Kataluniako jendartearen parte esanguratsu batek bozkatu egin zuen Espainiako legeek eta erakundeek agindu zuten debekua desobedituz.
Hala ere, Espainiako Estatuak oraindik tresna ugari ditu bere esku Kataluniako desanexio prozesua oztopatzeko. Hauteskunde "plebiszitarioen" aurretik erreferenduma adosten badu, legalitate katalanerako trantsizio bidea geratu eta espainiar legalitatearen parametroetara bueltatzeko gaitasuna izango luke. Baina ez dirudi horrela izango denik. Hauteskundeen ostean eta balizko alde bakarreko independentziaren aldarrikapenaren aurretik egiten badu, Espainiak oraindik agenda eta erreferenduma kontrolatzeko boterea izango du partzialki, nahiz eta oso ahulduta egon. Berriz, Kataluniako Estatuaren aldarrikapen sinesgarriaren ostean negoziatzen badu, nazioarteko presio pean negoziazio orekatuagoa emango litzateke bi gobernuen artean eta Kataluniako legalitate berria indartuta legoke.
Hiru aspektu nagusi agertu daitezke negoziaketa batean: gutxieneko partaidetza eskatzea erreferendumean, desanexioa gauzatzeko eta denborak (datak) zehazteko gehiengo bereziak behar izatea. Gogoratu Eskozian edo Montenegron gertatua, jatorrizko estatuentzat bi desanexio proposamenak merkeak izan arren, baldintzak inposatu zitzaizkien. Eskozian nazionalistek hiru erantzun posible nahi zituzten, baina Londresek data eta bi erantzun inposatu zituen. Montenegron hiru baldintza inposatu ziren: hiru urtetan erreferendumik ez izatea, gutxieneko partaidetza %50 izatea eta desanexioa gauzatzeko baiezko botoek %55eko langa gainditzea.
Katalunia ez dago prest Abkhaziak edo Kosovok bizi duten linbo ezegonkorrean egoteko, negoziatuko du nahiz eta independentzia aldarrikatu. Espainiak aldiz, galtzeko hainbeste duenez, itsututa dago. Alabaina nazioarteko presioak negoziatzera behartuko du lehenago edo geroago. | news |
argia-f8dc61c4193d | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/corellarra.html | Corellarra | Jakoba Errekondo | 2014-12-07 00:00:00 | Corellarra
Espeletia, Uribei, Aristeguieta, Echeverria, Lardizabala, Larrea, Lastarriaea, Ercilla, Luzuriaga, Ochagavia eta Urmenetea izenez gain, botanikak badu beste euskaldun asko: Abasoloa, Aldama, Alzatea, Arrabidea, Azaola, Berroetea, Echeandia, Echeverria, Gardoquia, Iriartea, Iriartella, Ignatia, Lexarza, Mendoza, Mendozia, Saracha, Tafalla, Ulloa, Unanuea ... Gehiago ere izan dira. Lasai, etorriko dira eta. Edo, nahi izatera, zerorrek ekarri.
Tafalla izenak historia bitxia du. Juan José Tafalla Nabasqués (1755-1811) corellarrari zor zaio. Ameriketak egitera joanda, soldadu ari zela, garai hartako bidaldi botaniko esanguratsuenetako batean laguntzaile hasteko aukera baliatu zuen. Expedición Botánica al Virreinato del Perú , Ruiz eta Pavón botanikari ospetsuek zuzendu zuten. Handik aurrera ez zuen beste ezer egin. Baita botanikariok Madrilgo Jardin Botanikoaren erosotasunera erretiratzea erabaki zutenean ere; bere gisa jarraitu zuen. Ekuadorko eta Peruko landaredia beste edozein europarrek ez bezala ezagutu zituen. Bereziki kina espezieak ( Cinchona sp) landu zituen. Orduko sendagai begikoetako bat zen, eta etekin samurrak antzematen zitzaizkion. Bere irakasle eta nagusi izan zenak, Ruizek, zazpi espezie aurkitu zituen; Tafallak 43.
Landare ugari aurkitu eta haien haziak, landareak, bildumetarako laginak... zer ez zuen prantatu eta Espainiara igorri. Ordura arte ezezagunak ziren makina bat landare ere bai. Ikaragarrizko pagotxa zuten Madrilen. Tafalla jauna oihanean, aihotza astintzen, eta beraiek, belusezko besaulki erosoetan ospea puzten. Madrilen jarri zioten izena Ameriketan lehenengoz aurkitutako landare askori. Hango jauntxoak omentzen dituzten izenak, gehienbat: Unanuea, Cavanillesia ... Bere izena jarri zioten genero bati, baina aurrez beste izen bat zuen hark... Propio egina ote? Gero, Tafalla izena beste genero bati ezarri zaio, eta botanikari askok bere omenezko bigarren izena eman diote beste batzuei: Mikania tafallana, Ornithidium tafalla, Solanum tafalla, Willoughbya tafallana ...
Limako Jardin Botanikoa eta hango unibertsitateko botanika katedra ere sortu zituen. Egindako aurkikuntzak argitaratu balitu, bere garaiko botanikari handienetakotzat genuke corellarra. | news |
argia-d369daced4e4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/confebask-eta-elkarrizketa-sozialerako-mahaia.html | Confebask eta elkarrizketa sozialerako mahaia | Juan Mari Arregi | 2014-12-07 00:00:00 | Confebask eta elkarrizketa sozialerako mahaia
Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako mahaia deitu du abenduko lehenengo astean. Gobernua, patronala eta sindikatuak izango lirateke protagonista. Baina azken egunotan gertaera larri bat jazo da eta Jaurlaritzak mahaia bertan behera utzi beharko luke. ELAk eta LABek sarbidea izan dute Confebaskek egindako dokumentu batera, eta bertan patronalak proposatzen du bi sindikatu horiek erakunde sindikalen erregistrotik ezabatu ahal izatea, "lan arlotik kanpoko" iritzi eta jarduerekin jarraitzen badute. Dokumentua ukatu egin du Confebaskek, baina sindikatuek esan dute egilea bera dela. Antza, Espainiako Gobernuak erakunde sindikal eta patronalen inguruan darabilen proiektu bati euskal enpresarien konfederakuntzak egindako ekarpena da. Hori baieztatzen bada, aldarrikapenak egiten dituen eta subiranoa den sindikatu oro legez kanpo uztea litzateke. ELA ez da handikerian erori Confebask "golpista" moduan deskribatu duenean.
Testuinguru horretan, elkarrizketa sozialerako mahaiak bertan behera geratu beharko luke, areago ELA eta LAB sindikatuek haren kontrako jarrera azaldu dutenean. Hori koartada bezala erabili dezakete sindikatu abertzaleak legez kanporatzeko, aldiz, haiek legez kanpo uztea helburu duen patronalarekin esertzea ere, helburu horri berari hauspoa ematea litzateke. Eusko Jaurlaritzak eta beste sindikatuek kontuan izan behar lukete egoera zein den, eta jarrera ez badu aldatzen, Confebask bakarrik utzi beharko lukete. Euskal Herriak egun dituen arazoak oso larriak dira: gazteen langabezia –gazteen erdiak baino gehiagok ez du ez lanik ez etorkizunik– eta 45 urtetik gorakoena, adibidez. Gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB legez kanpo uzteko moduan gaude… Confebaskek kontu hau argitu beharko luke neurri zehatzekin, hitzekin soilik ez du balio. | news |
argia-d989bb88d1e4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/rebeka-ubera.html | "Podemosek trantsizioan eman ez zen apurketa gauzatzen lagundu dezake" | Mikel Asurmendi | 2014-12-07 00:00:00 | "Podemosek trantsizioan eman ez zen apurketa gauzatzen lagundu dezake"
Elgeta, 1972. Aralarreko idazkari nagusia da, VI. Biltzarraren ostean. Biltzarrean landu dituzten gaiek Kataluniako prozesu subiranozaleaz hitz egitera bideratu gaituzte: "Kataluniako prozesua eredugarria da, herritarrei eman behar zaie protagonismoa. Alderdiek eta erakundeek gizartearen eskaerei erantzun behar diete". EAEko legebiltzarkidea da EH Bilduren izenean.
Kataluniako prozesu subiranozalearen bidea ikusita, zer-nolako azterketa egiten duzu Euskal Herritik?
Gure ustez, euskal lurralde bakoitzak bere bidea eta prozesua egin behar du. Gizartean eta ezker abertzalean hiru errealitate politiko direla barneratua dugu, baina oraindik korapilo bat askatu gabe daukagu: Nafarroa, EAE eta Iparralde artikulatu eta garatu behar ditugu, betiere tokian tokiko herritarren arteko ekimen politikoa errespetatuz, nork bere bidea egiten duen bitartean. Aralarren VI. Biltzarreko ponentzian diakronismo hori aztertu da: alderdian, koalizioan eta gizartean korapiloa askatu gabe dagoela diogu. EH Bilduk areago findu eta askatu behar du gai hori. Dena den, EH Bilduk barneratua dauka errealitate bakoitzaren erritmoak kontuan hartu behar direla.
EAEn soilik sezesio prozesu bat abiatzeko pausoa emango balitz, zein litzateke Aralarren jarrera?
Pauso hori ematea edo ez, gizarteak erabaki behar du, alderdiok gizartearen esanetara izan behar dugu. Kataluniako prozesua eredugarria da zentzu horretan. Demokrazian, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko herriari hitza eman behar zaio, demokrazia sakontzen da eta prozesuak herritarrak ahalduntzen ditu beraien etorkizuna erabaki dezaten. Alderdiok ez dugu protagonistak izan behar, alderdiek eta erakundeek gizartearen eskaerei erantzun behar diete.
"EH Bilduk alderdiez haragoko egitura izan behar du", esan ohi duzu. Zer esan nahi duzu horrekin zehazki?
Aralarren helburua ezker zabal eta anitza egituratzea izan da hasieratik. EH Bildu norabide horretan ulertzen dugu, EH Bildu Euskal Herriak behar duen tresna sendoa da. Indarrak metatzeko balio behar du, baina ez alderdiek osatutako egitura soila izanez, ez du koalizio klasiko bat izan behar. EH Bilduk irekia izan behar du koalizioaren organoetan herritarrek parte hartu dezaten, baita erabakiak guztion artean hartzeko ere. Aldaketa garaian bizi gara, gizartea politika egiteko beste era batzuk eskatzen ari da. Gizartea nekatua eta haserre dago politikarekin. Badakit orain denok hori esaten dugula, baina...
EH Bilduko alderdi guztiek horrela ikusten duzue? Denek egin duzue bide eskema horretara.
Ni ez naiz koalizioko beste alderdien bidea baloratzeko nor. Alderdi bakoitzak bere eboluzioa bizi du, eta errespetagarria da. Egokitzapenak guztiok egin behar izan ditugu ibilbidean. Orain funtsezkoa ezkerreko sentsibilitate abertzale ezberdinak elkarlanean aritzea da. Garrantzitsuena helburu horiek lortzeko elkarlanari eustea da, une politiko honek eskatzen duen mailan egoten jakitea. EH Bildu eta ezker abertzalea orobat gizarteak eskatzen duen ildoan erantzuten ari da.
Iraganeko ezberdintasunak gainditu al dituzue Sortuk eta Aralarrek?
Ez guztiz, baina gero eta gutxiago dira. Ezberdintasunak egotea normala da. Ez bakarrik alderdien artean, alderdi barnean ere diferentziak daude. Ezberdintasuna ez da txarra, positiboa baizik. Diferentziek laguntzen dute gure gizarte zabala eta anitzaren ñabardurak doitzen eta gure artean barneratzen.
Aralarren txosten politikoan desobedientzia zibila landu duzue.
Desobedientzia zibila herri honen iragan berrian erabili da eta landu beharko dugu. Euskal Herrian desobedientziaren kultura dugu, baina azken urteetako egoera politiko zaila tarteko, desaktibatu zen. Guk desobedientzia gizarte zibila berraktibatu nahi dugu bidegabeak diren legeen kontra egiteko, lege horiek nagusitu ez daitezen. Desobedientzia tresna bezala berreskuratu behar dugu eta etorkizunari begira egokitu, Katalunian bezala.
Alderdi nagusiek legalitatea errespetatu behar dela diote, legearen kontra desobedientziaz ekitea kontraesana dela leporatzen dizuete.
Beraien tranpan erortzen ari dira. Legalitatea jartzen dute denaren gainetik, demokraziaren eta pertsonen eskubideen gainetik. Ordea, legeak –Espainiako Konstituzioa– pertsonen aurka bidegabeki erabiltzen direnean zilegitasun guztia galtzen dute. Legeak giza eskubideetan oinarritu behar dira, justizia izan behar dute helburu. Espainiako Estatua erregimen frankistaren oinordeko zuzena da, zilbor este hori moztu gabe dauka, bere hiztegian ez da erabakitzeko eskubidea onartzen.
Podemos alderdia edota fenomeno politikoa nola baloratzen duzu?
Podemosek herritarrengan ilusioa piztu du, jendeak politikarekiko duen gaitzustea gainditzen laguntzen ari da. Herritarrek euskarri bat behar zuten eta Estatuko politikan dagoen ustelkeria tarteko, herritarrak bereganatzen ari da. Podemos Estatuko bipartidismoa puskatzera dator eta trantsizioan eman ez zen apurketa gauzatzen lagundu dezake.
EH Bildu prest al dago Podemos, Irabazi edo Equo bezalako alderdiekin udal eta foru hauteskundeetan aurre-akordioak egiteko?
Nik ez dut arazorik ikusten, baldin eta helburuak eta programak konpartitzen baditugun. EH Bildu oso irekia dago proposamen guztietara, eta erakundeetan ere norabide horretan ari gara lanean.
Podemos batzarra eta politika horizontaltasunez lantzen ari da. Jarduera horretan aurrea hartuko ote dizuen kezkarik ez al duzue?
Kezkarik? Batere ez. Aralarren hasieratik, Podemosen jarduera delakoa landu dugu. Gure politikan "kide batek boz bat dauka" lemak balio du. Gure funtzionamendua oso horizontala da eta EH Bildun ere funtzionamendu hori indarrean dago. Noski, badago zer hobetua, baina eboluzio hori ematen ari da.
Podemosek eta ezker abertzaleak zein neurrian egin dezakete bat herri honen subiranotasun xedeetan?
Podemosen helburuak ez ditugu ezagutzen, orain arte bereziki kastaren diskurtsora mugatu da. Podemosen sarrera politikan guztiz onuragarria izango da, baldin eta erabakitzeko eskubidearen onarpena aldarrikatzera badator. Hori da klabe nagusia.
EH Bilduren legebiltzarkidea zara. Zer esperientzia izan duzu bertako politikan? Ezker abertzalearen iraganeko tentsioek eragina izan al dute?
Ni neu esperientzia oso aberasgarria bizitzen ari naiz. Aralar EH Bildu bezalako koalizioan egotea nahi nuen beti. Hasiera zaila izan zen, giza proiektu humano guztietan gertatzen den bezala. Eusko Legebiltzarrean ez genuen elkar ezagutzen eta taldea egokitzea kostatu zitzaigun. Baina arduren banaketa ongi egin zen, eta oso gustura ari naiz, giro ona daukagu.
Legebiltzarreko Bake ponentzia hizpide, non dago zailtasuna EAJrekin adostasunera iristeko?
Bake ponentziaren sorrerak berak hipotekatu zuen bere etorkizuna. Batetik, ezarritako baldintzen pean sortu zelako. Esaterako, zoru etikoaren inguruan jarri ziren edukiak ez dira egokiak. Bakea helburu baldin baduzu, baldintzarik gabe abiatu behar duzu. Elkarlana eta adostasunak beste era batera landu behar dira. Bestetik, EAJren beste akats bat PPri eta PSEri beto eskubidea ematea izan zen. Halaber, Bake ponentzia lau sentsibilitate nagusiei mugatzea akatsa da, bake lana ezin da mugatu Legebiltzarreko paretetara, askoz irekiago izan behar du.
Erabakitzeko eskubidea onartzeko bidean, nola baloratzen duzu EAJren politika Legebiltzarrean?
EAJk gehiegi begiratzen du Madrilera, tematuta dago akordio bat egiten akordiorik nahi ez duenarekin, euskal herritarron erabakitzeko eskubidea onartu nahi ez duenarekin. Madrilera hainbeste begiratu beharrean EAJk euskal gizarteari begiratu eta euskal alderdi eta gizarte eragileekin lanean hasi behar luke, bertatik geure bidea egiteko, Katalunian egin duten bezala.
Zerk trabatzen du hori egitea?
Faktore ezberdinak....
Nork bere hegemonia lortu nahi izatea, akaso?
Batzuek hori diote, baita iragan politikoaren eragina ere, eta hauteskundeak sarritan tartekatzen direlako. Baina faktore horiek gainditzeko gai izan behar dugu Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea lortu aldera.
EAEko aurrekontuetan Jaurlaritzarekin akordioa lortzeko aukerarik bai?
Guk aurrekontuetan oso proposamen zehatza egin dugu. Esaterako, ez dugu 600 milioi euro gehiago eskatu, diru partida batzuk beste batzuen aldean lehenestea baizik, hala nola hezkuntza, osasun eta zerbitzu sozialetarako. 2015eko aurrekontuetan 968 milioi euroko zorra dago. Agian, zorra hobeto aztertu eta zer ordaindu eta zer ez erabaki beharko litzateke. Familien egoerak suspertzeko kontziliazio laguntzak %40 jaitsi dira, larrialdietakoak %33. Haur-eskola partzuergoarentzat lau miloi euro gutxiago daude. Jaurlaritzak, ordea, aurrekontuak diseinatu ditu murrizketak ezarriz. Aldiz, inbertsioetan, %68 AHTra joan da. Tren horrek ez dauka Iparraldearekin loturarik, ezta Espainiako Estatuarekin ere.
Andoni Ortuzarrek erantzun dizue zuen eskaerak Olentzerori igorri ohi zaizkion gutunen modukoak direla.
Oso adierazpen prepotenteak eta friboloak izan dira. Une honetan familien %45 pobreziaren ertzean daude. Familia horiek ez dute baliabiderik ezta gutun hori idazteko. Aldiz, Kutxabank edo AHT kontrolatzen dituzten organismoek ez diote Olentzerori idazten, Sabin Etxera bidaltzen dute euren gutuna.
Josu Erkorekak EH Bilduren helburuak bere egin ditzakeela esan du orriotan, baina nola egin lortzeko galdetzean ez duzuela proposamenik.
Hori ez da egia. Guk oso proposamen zehatzak egin dizkiegu.
Hala nola...
EAEko aurrekontuetan, esan bezala. Estatus berriaren ponentzia eratzerakoan dokumentu bat helarazi genion EAJri, Euskal Bidea gure proposamenaren bidean.
Zein da gakoa kasu horretan?
Erabakitzeko eskubidearen onarpenaren ildoan politika egitea.
Gure Esku Dago ekimenean EAJko kideak ere ari dira.
Gure Esku Dago bitarteko garrantzitsua da erabakitzeko eskumena sustatu eta gauzatu ahal izateko. Bere lana berebizikoa da ahalik eta jende gehien biltzeko, abertzalea izan edo ez izan, eskumena demokrazia kontua baita. Hala ere, bidean bide, alderdien artean sor daitezkeen eragozpenak gainditzeko, herritarrek hartu behar dute protagonismoa, ondoren alderdiok erantzun bat eman dezagun. Aldeak alde, Katalunian Artur Masek erakutsi duen moduan. Bera gai izan da gizarteak eskatzen duenari erantzun bat emateko.
Urkullu ikusten duzu bide horretan?
Horixe da gure nahia. | news |
argia-3910fdc983a5 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/rosa-garcia-kaleratzeak-stop.html | "Bankuei etxe hutsak desjabetu ahal izatea atzera bota dute EAJk, PPk eta UPyDk" | Mikel Garcia Idiakez | 2014-12-07 00:00:00 | "Bankuei etxe hutsak desjabetu ahal izatea atzera bota dute EAJk, PPk eta UPyDk"
Hipoteka ordaintzeko zailtasunengatik bankuek jendea etxetik bota ez dezaten, lau urte borrokan daramatza Kaleratzeak Stop plataformak. Baina kaleratze ugari saihestea lortu duten arren, azken urte eta erdian areagotu egin dira etxegabetzeak Euskal Herrian. Plataformako kide da Rosa Garcia, Gipuzkoan.
Urteak daramatzazue borroka, kontzientziazioa eta presioa egiten. Inpunitatez jokatzen jarraitzen dute bankuek ala aurrerapausoak eman dira kaleratzeak eteteko?
Bankuek inpunitatez jokatzen jarraitzen dute, legeak ematen dielako inpunitate hori. Bankuek eurek eraikitzaileen eskutik sortutako eta gobernuek sustatutako krisi finantzarioak dirurik gabe utzi ditu herritarrak, baina legeak ez ditu fede oneko zordun horiek babesten. Hala ere, epaitegietan egindako borrokari esker, abokatu eta epaile ugarirekin elkarlanean, etxea enkantean jarri eta bertan bizi direnak kaleratzeko bankuek jartzen dituzten salaketak gelditzea lortzen ari gara, Europako Auzitegiko epaien bidez. Eta kaleko borrokari esker, bankuen joko zikina eta genozidio ekonomikoa azaleratzen ari gara. Bankuaren eta herritarraren arteko negoziazioan gure elkartea ere tartean bada, bankuek jarrera leundu ohi dute, hain justu salaketa publikoa eta banku aurrean protesta elkarretaratzeak saihestu nahi dituztelako. Arazoa da herritar asko eta asko ez direla gurekin harremanetan jartzen, eta kasu horietan, kaleratze prozesua autopista irekia da, legeak horretarako ematen duen erraztasunagatik.
Oposizioaren eskaerari erantzunez, berriki datuak aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean: etxea enkantean jarri eta bertakoak kaleratzeko 1.127 prozesu abiatu dituzte bankuek 2013-2014 artean. Prozesu horietako bostetik bat Kutxabankek abiatu ditu.
Bai, eta kutxa botere publikoen esku egonik, politikarien ardura agerian geratzen da, EAJrena batik bat, baita administrazio kontseiluetako bazkide PP eta PSErena ere. Orain, pribatizazioarekin hamabost patronok kontrolatuko dute Kutxabank eta inpunitate are handiagoz jokatuko dutela uste dugu.
Datu berdinen arabera, Eusko Jaurlaritzak berak eta Alokabidek zuzenean kaleratu dute jendea, babes ofizialeko etxebizitzetatik.
Alokabideren arazoa da alokairuan dagoen pertsonaren edo familiaren egoerara ez dela egokitzen eta urte batetik bestera kuota bera mantentzen dela, tarte horretan lana edo gizarte laguntza galdu arren, adibidez. Zordunak bota eta berriak sartzen ditu Alokabidek, eta sakoneko arazoak hor dirau: alokairu sozialerako 83.000 eskaera daude EAEn, eta 15.000 etxeren eskaintza baino ez. Alokairu sozialerako etxebizitza gehiago lortu ahalko genituzke, bankuek duten etxe huts andana erabiliz gero. Jendea kaleratzetik bankuek lortutako etxeak desjabetu eta alokairu sozialerako erabili ditzake botere publikoak, Etxebizitzaren Legearen bidez, eta hala egiten da adibidez Andaluzian edo Katalunian, baina EAEk oraindik ez du Etxebizitzaren Legerik. Areago, berau prestatzen ari dira eta EH Bilduk eta PSEk legean neurri hori jasotzea proposatu dute, baina atzera bota berri dute EAJ, PP eta UPyDk. Neurria funtsezkoa da etxebizitzaren arazoari konponbidea eman ahal izateko eta hipotekak eta kontrolik gabeko alokairuak ordaindu ezin dituzten herritarrak –gero eta gehiago direnak– laguntzeko, baina badirudi Kutxabanki dituen milaka etxe hutsak kentzearen beldur direla. Eusko Jaularitzak interes orokorraren zerbitzura egon beharko luke, baina…
Zein puntu hartu beharko lituzke kontuan legeak?
Etxebizitzaren Legea beharrezkoa da, lehenbailehen, fede oneko zordunen etxeak enkantean jarri eta bertakoak kaleratzeko prozesuak debekatuko dituena. Legeak, halaber, etxebizitza hutsak dituzten bankuak zigortu beharko lituzke, edo desjabetu eta erabilera publikoa eman beharko lieke etxe huts horiei. Gure aspaldiko beste eskaera bat da hipoteka ordaindu ezin duenak etxea bankuari ematearekin zorra kitatzea (eta ondoren pertsona hori alokairu sozialera bideratzea). Bada, eraikitzaile handiei dirua utzi diete bankuek eta eraikitzaileak etxe asko eta asko saldu ezinik geratu direnean, zorraren ordainetan etxe horiek onartu dizkiete bankuek. Familiekin aldiz, ez dute halakorik egiten, eta gainera administrazioak dio ezin duela ezer egin Espainiako Estatuko legeak ez duelako uzten, lege horrek zehazten dituen baldintzak (etxebizitzen salneurriak tarteko) zerikusirik ez dutenean gure errealitatearekin! Lege propioa egin daiteke, baina hara, interes finantzarioak tartekatzen direnean autonomiarik ez dugu nahi antza, Espainiako aginduak zehatz-mehatz jarraitzea nahiago. Etxeetan argindar mozketarik ez egitea ere eskatzen dugu, energia enpresak eurak ari direlako, tartean Euskal Herriko Iberdrola enpresa, argindarra ordaintzen ez duten familien etxeak enkantean jartzen. Neguan argindarra moztea debekatuta dago Europako herrialdeetan, bankuari etxea ematearen ordainetan zorra kitatzea onartua dago… hemen izan ezik, eta gauza asko erkidegoko administrazioak alda ditzake, ez dezatela aitzakia gisa Espainiako legedia erabili.
Etxea ematearen truke zorra kitatzea, kasuz kasu epaitegietan lortzen ari zareten borroka da, dena den.
Bai, pixkanaka-pixkanaka, guregana etortzen direnen kasuan behintzat. Kontua da, hain juxtu hipoteka gehien eman dituen erakundeak, Kutxabankek, ateak guztiz ixten dizkiola etxearen truke zorrak kitatzeari edota alokairu soziala negoziatzeari. Nafarroan, Caixabank –gogoratu Nafarroako Kutxa desagertu eta Caixabankek bereganatu zuela– aldekoagoa da. Herritarren ezjakintasuna baliatuz bankuek hipoteka kontratuetan ezarritako klausula neurrigabeen aurka ere ari gara eta abal-emaileak jomugan jartzen dituzten klausula lotsagarriak atzera botatzea lortzen ari gara epaitegietan.
Datu eta saltsa legal honen guztiaren atzean, pertsonak daude…
Bereziki lazgarria da seme-alabekin etxetik botatzen dituzten emakumeen kasua. Izan ere, ikusten ari gara sarri bikotea banandu eta senar ohiak etxea ordaintzeari uzten diola, eta bankuari bost axola zaionez ordaindu ez den hipoteka zatia zeinena den eta zeintzuk bizi diren etxe horretan, kale gorrian uzten ditu emakumea eta umeak. Garai batean seme-alabek etxea erosteko abala eman eta seme-alaba horiek orain hipotekarekin arazoak dituztenean abal-emaileen aurka egiten ere ikusten ditugu bankuak, hirugarren adinekoen aurka… Izugarria da.
Goitik behera, ezker-eskuin: Urtarrilean, Ezkaban bizi zen emakume bat eta Down sindromedun semea etxetik bota zituzten. Pasa den ekainean, Algortako familia bat kaleratu zuten eta argazkian familiakideetako bat ageri da, etxeko leihotik manifestariei eskerrak ematen. Herritarren presioak Orkoiengo bizilagun baten kaleratzea gelditzea lortu zuen. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzea Gasteizen. | news |
argia-5a7f9f9a0799 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/txip-biodegradagarriak-sortzen.html | Txip biodegradagarriak sortzen | Joxerra Aizpurua | 2014-12-07 00:00:00 | Txip biodegradagarriak sortzen
Gero eta zabalduago dago biodegradagarriak ez diren hondakinen inguruko kezka. Berrerabilpena edo, txarren-txarrenean, biodegradagarritasuna da gero eta indar handiagoz bilatzen ari garena, baina orain arte, txipak daramatzaten tresnek ez dituzte aipatutako baldintzak bete.
Gailu elektronikoak zahartzean, bilketa guneetara eramatea baino ez zaigu gelditzen. Atal batzuk desmuntatu ondoren berrerabiltzea lortu badaiteke ere, txipekin ez da hori gertatzen. Txip erabiltezinak esponentzialki ari dira pilatzen, eta laster arazo galanta izango dugu.
Horri aurre egin nahian, Norvegiako ikerketa laborategi independenterik handienak, SINTEFek, erabili ostean desegingo diren osagaiak sortzen dihardu. Hain zuzen, ordu gutxian uretan disolbatzen diren magnesiozko elementuak kokatu dituzte litiozko xaflen gainean. Hala, txip horietan inprimatutako zirkuitu elektronikoak desagertu eta txiparen oinarria berrerabili ahal izango litzateke. Besteak beste, drone berrerabilgarriak ekoizten ari dira, itsasoan neurketak egiteko; euren lana amaitu ondoren, itsasoan disolbatuko lirateke. | news |
argia-8d00f5a9d394 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/zatiketa-baino-saldu-aldaketa.html | Zatiketa baino, saldu aldaketa | Xabier Letona | 2014-12-07 00:00:00 | Zatiketa baino, saldu aldaketa
Jose Javier Esparza da azkenean UPNko hautagaia, aurreikusi moduan, baina aurreikusi baino samurrago. UPNko Kontseilu Politikoan (232 lagun) botoa emandako 208 kidetik 128k (%61) Esparzaren alde egin zuten eta 79k (%39k) Alberto Catalanen alde. Zartakoa handia izan da Miguel Sanz eta Catalanek gidatzen duten sektore kritikoarentzat. Bazekiten Kontseilu Politikoan gaitza zela eta horregatik eskatu dituzte primarioak etengabe, militanteen artean Yolanda Barcinaren desgastea handiagoa izango zelakoan. Baina Barcinak ere bazekien hori eta ez du arriskurik hartu nahi izan. Nahiko korapilo sortu du bere kudeaketan, orain azken unean berriz hanka sartzeko. Alderdia kontrolpean du oraindik eta berriz atera da garaile.
2013ko martxoan izan zen Barcina-Catalan lehia UPNren kongresuan eta orduan nafar gobernuko lehendakaria estu ibili zen: 871 boto bere alde (%51,78) eta Catalanek 795 (%47). Alderdia zatitua utzi zuen lehiak eta Barcinaren ondorengo gurutz-bideak ez du batere lagundu zauriak sendatzen. Kontrakoa, Barcina ahulduta ikusirik eta datozen hauteskundeetan gobernua kolokan, Sanzen taldeak lema hartzeko saioa errepikatu du. Emaitza porrota izan da eta saioak Catalan kiskali du jada.
Zein ote zen hautagai hobea oposizioarentzat? Berdintsu seguruenik, baina akaso botoemaileei begira Catalanek distantzia gehiago zuen Barcinarengandik eta Esparza lotuagoa ageri da harekiko, besteak beste bere sailburua delako. Edozein modutan, UPNri bozka eman bai baina amorratua ez den herritarraren aurrean, itxura eskasa ematen jarraitzen du alderdi eskuindarrak. Navarrometroa ren emaitza guztiz zalantzagarria zen alderdiekiko boto asmoari begira, baina guztiz argi arbuiatzen zituen Nafarroako Gobernua eta Barcinaren kudeaketa.
Hauteskundeei begira, UPNk badu orain hautagaia eta sei hilabete eskas Esparzari dagokion lifting a egiteko. Gaitz izango du: lehenbizi berak oso emaitza onak izan behar dituelako eta Navarrometroa k UPNko boto poltsa handia isildu badu ere, hor bada UPNren egoeraren termometro bat; bigarrenik, PSNren emaitza ona behar du eta hori ere gaitza; hirugarrenik, oraingoz behintzat, PSNk iragarria du beretzat Barcina edo Esparza gauza bera direla. Baina PSNren sinesgarritasuna non den ere ezaguna da eta zalantza gutxi da zenbakiek aukera emango balie, berriz UPN sostengatuko luketela.
Egiazko oposizioa da orain nahasi ageri dena, batez ere Podemosek dakarren beldurragatik eta honek ez duelako batere argi utzi nola jokatuko lukeen eta non erabakiko litzatekeen balizko gobernu batean egotearena edo ez. Oraindik foru hauteskundeetara aurkeztuko den ere ez dago argi, egia esan, nahiz eta dituzten aurreikuspenekin, ez aurkeztea ez litzatekeen ez koherentea ezta arduratsua ere. Teorian bederen, Podemosentzat balizko gobernu eraketarako arazorik handiena EH Bildu litzateke, horrek Espainiako hauteskunde orokorretan lekarkeen boto galeragatik. Oposizioko batzuentzat hauek PSN edo PP bezain espainiarrak dira, zentralista hutsak. Beste batzuek beren ezkertiartasuna jartzen dute zalantzan edota demagogotzat jotzen dituzte. Podemos saltsa-maltsa handia da oraindik jakiteko zehatz-mehatz zer den eta zer izango den, baina zalantzarik ez dago gauza batean, haserrearen alderdia da, gizartearen zati bat esnarazi dute –beste alderdiek lortzen ez zutena– eta aldaketak ekarriko dituzte.
Alderdiek oso beren barrutik aztertzen dute gizartea, honen martxara egokitzeko saioa eginez baino, berau moldatzeko etengabeko ahalegina lehenetsiz. Oro har, politikariek gutxi galdetzen dute zintzoki euren jardunaz, erantzutera daude ohituak, zalantzarik gabe gidari sentitzen denaren segurtasunaz luzatzen dute pausua, mundua etengabe haien jira-biran bailitzan. Horrek perspektiba galarazten die.
Horregatik, aldaketa une honetan, Nafarroako egiazko oposizioak zerbait argi utzi beharko balu, horixe da, aldaketa izango dela haien lehen-lehen asmoa eta eginahalak egingo dituztela hori gauzatzeko. Boto lehian izango dira Podemos, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra, baina formulak formula, aldaketarako aukera horien artean dago Nafarroan. Hori da gizarteari argi utzi behar diotena edozeren gainetik, aldaketa izango dela. Mezu hori da oraindik guztiz argi luzatzen ez dutena. | news |
argia-93bb89597570 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/euskal-kulturgintzaren-transmisioa.html | Euskal Kulturgintzaren Transmisioa | Miren Amuriza | 2014-12-07 00:00:00 | Euskal Kulturgintzaren Transmisioa
1
Soka luze bat trentzatu dugu
zentimetroz zentimetro,
trapu zahar zein oihal berriak
eguzkitan haizatzeko.
Zer ote euskal? Zer da kultura?
Zer dugu transmititzeko?
Zenbait galdera zintzilikatu
ditugu dagoeneko,
ez al da hori lehen baldintza
erantzunak aurkitzeko?
2
Zer dugu euskal? Konnotazio
ezberdindun bi silaba.
Beraz euskaldun, nor da euskaldun?
Mintzo duena euskara.
Hizkuntza bat da historia bat
eta euskara zer da ba?
Ez da gaurdaino biziraun duen
iraganaren alaba,
iraganetik honaino heldu
izanaren emaitza da.
3
Kultura zer da? Egunkari bat
osorik orririk orri.
Ta kulturgintza? Gure sorkuntza
artistikoen jatorri.
Bide luzea egin dugu ta
aitortza zor zaio horri;
Arantzazutik abiatuta
Urbiaraino etorri,
baina oraindik urruti samar
ikusten dugu Aizkorri.
4
Ondorengoei transmititzeko
euskaldunok zer dugu ba?
Lehengoengadik jasotakoa:
hizkuntza eta kultura.
Korronte hori da jarraidura
ostera irekidura,
da egotea herri txiki bat
zabal-zabalik mundura.
Zer gara beraz, izotz hauskorra
edo mugitzen den ura?
5
Sarasuaren hitz ho(r)iek denak
haizetara dakartzagu,
dagoeneko soka ez dago
hasieran bezain malgu.
Eskegi dugu teoria eta
praktika zelan daukagu?
Egungo Euskal Kulturgintzaren
isla baldin bagara gu,
jakin-mina du, gaztea da eta
emakume ahotsa du.
6
Aldiz gorputza dantzari baten
soin mugikorra litzake,
jai guztietan euskara hutsean
hartu ohi duena parte.
Izan Ziburu, Oion, Ituren,
Barakaldo zein Lasarte,
sua pizteko ez dago zertan
jo Zugarramurdira arte,
akelarrea nork bere herriko
plazan hasi baitezake.
7
Aktore baten aurpegia du,
antzik ez du inorenik,
ezezagunei ere euskaraz
egiten die lehenik,
baina ulertzen ez badiote
agurtzeko dioenik,
antzezpen bako irribarre bat
egiten die azkenik;
"ongi etorri"-ren sinonimo da
ta ez du behar itzulpenik.
8
Kulturgintzatik herrigintzara
pasa nahi dugun honetan,
sokaren bueltan bilduko gara
hilean behin gogoetan,
gure ideiak idatzi gura
genituzke oihaletan,
gero haizatu, josi, tolestu,
nahiz zintzilik laga bertan…
Ez daitezela behintzat geratu
preso kajoi bazterretan. | news |
argia-b26827639d09 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/antzinaroko-haurren-hautespen-naturala.html | Antzinaroko haurren hautespen �naturala� | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2014-12-07 00:00:00 | Antzinaroko haurren hautespen �naturala�
Erroma, K.a. VIII. mendea. Kondairaren arabera Romulok eta Remok hiria sortu zuten. Jaioberritan abandonatutako anaia bikiek otseme batek elikatu zituelako lortu omen zuten bizirautea. Eta ez ziren jaio eta berehala hiltzen utzitako Antzinaroko pertsonaia bakarrak: Pertseo, Sargon, Hadis eta Edipo ere jaioberritan abandonatu zituzten. Gehienak mitologiaren eremuan soilik existitu arren, horrek adierazten du egun higuingarria iruditzen zaiguna nahiko ohikoa zela garai hartan.
Plutarkok jaso zuenez, Espartan, "zaharrenek jaioberria aztertzen zuten eta, ondo egina eta sendoa bazen, haurra hazteko erabakia hartzen zuten. Baina endekatua eta itxuragabea zela ikusten bazuten, haur txikia Taigetoko sakan batean zeuden apothetai (tornu) delakoetan uzteko agindua ematen zuten". Greziako pentsalari nabarmenenek ez zieten jaioberriei aukera txiki hori ere eman nahi; norbaitek haur abandonatuak tornuetatik jaso zitzakeen. Hala, Aristotelesek eta Platonek jaioberriak toki ezezagunetan uzteko gomendatzen zuten. Lehenengoak behintzat oso garbi zeukan: "Seme-alaben hazierari dagokionez, haur akastunak haztea debekatzen duen lege bat egin behar da" ( Politika VIII , 15 ).
Haur perfektuak izateko grina hori ezagun zuten Erroman ere. Erditzearen ondoren, pater familias ek haurra arreta handiz aztertu behar zuen. Jaio eta berehala, haurra aitaren parean jartzen zuten, eta azterketaren ondoren besoetan jasotzen bazuen, familian onartzen zutela esan nahi zuen. Bestela, mirabe edo esklabo batek jaioberria bidegurutze edo zabortegiren batetan uzten zuen, hotzak jota edo piztiek janda hil zedin.
Ohitura horiek ez lirateke egungo mentalitateaz juzgatu behar. Adituen arabera, haurren heriotza tasa %30-40 artekoa zen Erroman, eta urtea bete baino lehen hiltzen ziren haurren kopurua ez zen oso bestelakoa Antzinaroko gainerako zibilizazioetan. Hortaz, haurrekiko lotura afektiboa beranduago garatzen zen. Darwinek bere teoriak garatu baino ehunka urte lehenago gizakiek hautespen naturalari nolabaiteko bultzadatxoa ematen zioten praktika horien bidez, beste hainbat animalia espeziek egiten duten bezala. Eta bahetze metodoek luzaroan iraungo zuten. Bikingoek, esaterako, jaioberria hiribilduko hesietatik kanpo uzten zuten gau batez; gau izoztua jasateko gai bazen, komunitateko kide izateko eskubidea lortzen zuen. Eta kosakoek ibaiko ur hotzetan murgiltzen zuten, eta bainuaren ondoren orroka jarraitzen bazuen, onartu egiten zuten.
Haurren heriotza tasa XX. mendean jaitsi da %20tik, eta Mendebaldean baino ez. Egun, Nigerren, mila haurretik 154 lehen urtean hiltzen dira eta 262k ez dituzte 5 urte betetzen. Haur horien etorkizuna –edo etorkizunik eza– maiz ez dago beren komunitateen esku, eta industria farmazeutikoaren interes ekonomikoek erabakitzen dute, esaterako. Ez da hainbeste aurreratu 2.000 urtean. | news |
argia-9099fa12f56c | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2440/euskaraz-ikasi-nahi-duten-herrien-batzarra-tafallan.html | Euskaraz ikasi nahi duten herrien batzarra Tafallan | Onintza Irureta Azkune | 2014-12-07 00:00:00 | Euskaraz ikasi nahi duten herrien batzarra Tafallan
Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimenak antolatu du abenduaren 14ko eguna. Goizean, euskaraz ikasi nahi duten herrien batzarra egingo dute. Ondoren, aisialdiari egingo diote tartea. Ume eta helduentzako entretenigarriak izango dira, hala nola, puzgarriak, haurrentzako jolasak eta tailerrak, dantzak, erakusketak, Garesko munstroak, bertsolariak eta joteroak. 13:00ean kalejira abiatuko dute ondoko lelopean: Otros muros cayeron. Zonifikazioarekin amaitzeko garaia da!. | news |
argia-4191a1702065 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/pipia-stradivarius-biolinen-sekretua.html | Pipia, Stradivarius biolinen sekretua | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-05-03 00:00:00 | Pipia, Stradivarius biolinen sekretua
Nicola Stradivariren (1644-1737) Cremonako tailerrean egindako biolinak munduko onenak direla esan izan da beti. Luthier eta aditu askok biolin horiek aztertu izan dituzte, eta tresnen kalitate bereziaren askotariko arrazoiak bota: bernizaren erabilera, ondorengo lehortzea edo, besterik gabe, tailerrean lan egiten zuten artisauen esku ona.
Berriki, esperimentu kimiko batek Stradivariusen sekretua egurrean dagoela utzi du agerian. Agidanez, garai hartako biolinak pipiak jotako egurrez egin ohi zituzten, baina Stradivariren tailerrean egurrak gaixotasunik ez zeukala ziurtatzen zuten. Azterketa kimikoen arabera, pipia saihesteko, artisauek, bertako botikariak saltzen zien intsektizida erabiltzen zuten: harri gatza. Egileek nahi gabe, substantzia egurrean kristalizatzen zen eta, ondorioz, biolinek soinu garbi eta ederragoa sortzen zuten. | news |
argia-1eec9ca555dd | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/asteroideen-aurkako-defentsa-prestatzen.html | Asteroideen aurkako defentsa prestatzen | Joxerra Aizpurua | 2015-05-03 00:00:00 | Asteroideen aurkako defentsa prestatzen
NASAko eta Europako Agentzia Espazialeko ingeniariak Italian elkartu ziren apirilean, Lurraren inguruan dauden meteoroideen eta asteroideen portaera aztertu eta arriskua neurtzeko.
Kalkuluen arabera, datozen 100 urteetan Lurraren inguruan dauden milioika gorputzetatik 500 inguru sartu litezke Lurrera. Arriskua txikia da, baina egon badago.
Zer egin, esaterako, 100 metroko diametroa duen asteroide baten aurka? Bi aukera aztertu dituzte ikerlariek: batetik, espazioan oztopoak jartzea, talkaz talka haren ibilbidea aldatzeko; bestetik, asteroidean leherketa nuklearra eragitea.
Bata zein bestea zailak dira, gorputz horien abiadura segundoko hamar kilometrotik gorakoa baita. Momentuz, ikerlariek adostutako lehen gauza meteoroide eta asteroideen ibilbideen jarraipen zehatzagoa egitea izan da. Hipotesi hutsen gainean erabakiak hartzea oso garestia baita. | news |
argia-43f9ba68e16a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/euskaldunak-eta-etorkin-espainiarrak.html | Euskaldunak eta etorkin espainiarrak | Pako Sudupe | 2015-05-03 00:00:00 | Euskaldunak eta etorkin espainiarrak
Gipuzkoako Aldundiak oraindik orain eman die urrezko domina 50eko eta 60ko hamarkadetako etorkinen ordezkariei. Langileak saritu nahi izan ditu. Euskaldunontzat hainbeste etorkin samaldan etortzea zer izan zen gogora ekarri nahi dut idatzi labur honetan.
Euskaldun gutxi zegoenetan, hizkuntza eta kultura aldetik berdintsu jarraitu zuten: espainiar. Esan liteke lehendik zetorren erdalduntzea ia erabat bururatzeko eragile garrantzizkoak izan zirela; gehienek espainiar burgesiaren mentalitatea ekarri zuten: Espainian leku batetik bestera mugitu ziren!; eta, kontzientzia espainiar handia izan gabe ere, euskalduntzeko beharrik ez zuten sentitu, eta ez dira euskaldundu. Euskal Herriak ez zuen tresna politiko-ekonomiko-kulturalik haiek bereganatzeko, eta integrazioa, alderantziz gertatu zen.
Euskaldunak nagusi edo askotxo ziren herrietan, arazo gehiago izan zuten noski. Haatik, ziur egon, euskaldunek berek ahalegin gehiago egin zuten kanpotarrekin komunikatzeko, nahiz ikasitako gaztelania apurra oso urte gutxitan hala-moduzko eskoletan jasotakoa izan. Euskaldun haietako hainbatek, eskola urria izanagatik, ez zuten euskaldun kontzientzia eta harrotasuna galdu, eta, haiei esker ere bagara egun euskaltzale. Halako gurasoek eta norbanakoek bai merezi dutela domina!
Beste etorkin batzuek, nahiz eta berak euskaldundu ez, eta asmorik gabe euskaldunak erdalduntzen lagundu, integratzeko jarrera hartu zuten, eta saiatu dira euren seme-alabak euskaldun izan daitezen, eta hemengo. Halakoek zilarrezkoa merezi lukete.
Espainiatik etorritako gutxiengo batek, kontzientzia espainol sakona zutenak, euskal herriak espainiartzen enplegatu ziren, hizkuntzaz eta kulturaz; prentsak, irratiak eta telebistak lagundurik. Eskerrak, beste muturrean, euskaldun eskolatu erresistente gutxi batzuk egon direla; daukaguna, bere apalean, haiei zor diegu: Jakineko sortzaileei, Txillardegiri, euskaltzainei, ikastola eta euskalduntze-alfabetatze sortzaileei; eta, jakina, euskaldundu diren etorkinei: horiek diamantezkoa merezi lukete!
Kultura euskaldun eta politika abertzale aldetik impassean gauden honetan, ingeleskeriak eta erdalkeriak arlo askotan nagusi ditugun honetan, komeni da iraganera begiratzea, geroari begira euskaldunago eta geure herri txikiaren posibilitateetan sinestunago joka dezagun; guk txepel jokatzera, gutxi ekarriko ditugu euskal komunitatera. | news |
argia-7405e223620f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/instagram-vs-ohiko-argazkilaritza.html | Eztabaida honek ez dauka filtrorik | Lander Arretxea | 2015-05-03 00:00:00 | Eztabaida honek ez dauka filtrorik
Iluntze eder xamarra topatzen dugun aldiro mugikorra atera, argazkia egin, eta hainbat moldaketarekin txukundu ondoren azken emaitza Instagram eta antzeko sare sozialetan argitaratzen dugunak gero eta gehiago gara. Argazkiari "atsegin dut" andana baino gehiago eskatzen dioten sei profesionali halako plataformen bertute eta ajeen inguruan galdegin diegu.
Mugikorra beti soinean dugunok telefonoa ez ezik, kamera, argazkiak fintzeko tresna eta irudiak mundura zabaltzeko erakusleihoa ere gurekin daramatzagu. Smartphone-ak eta sare sozialak. Ez dira kontu berriak dagoeneko. Astindu ederra eman diote edonolako edukiak sortu eta zabaltzeko moduari, eta argazkigintza ere ez da gailuon eraginetik libre geratu. Filtroak eta argazkiak txukuntzeko moduak eskaintzen dituzten Instagram gisako plataformek ia edonoren eskura jarri dute argazki itxuraz eder xamarrak egin eta lau haizetara zabaltzeko aukera.
Hainbat argazkilari profesionalek haien lanak ikusarazteko halako tresnak erabiltzen dituzten arren, ohikoagoa da erabiltzaile arrunten argazki errepikakorrekin topatzea: gosariak, liburuak, itsasertzak, ilunabarrak… Nola epaitzen ote dute horren erraza eta azalekoa dirudien beste argazkigintza hori, diafragma eta esposizioarekin jolastuz, argazki bakoitzarekin zerbait kontatu edo sentiarazteko ahalegina egiten duten argazkilariek?
Gaindositik argazkilaritzaren debaluaziora?
Bada dioenik horrenbeste jende argazkiak egiten eta zabaltzen hasteak lanbidea bera debaluatu duela. Uste horretakoa da 375Photo kolektiboko kide den Amaia Lekunberri. "Smartphonen zabalkundearen aurretik argazkilariaren lanak bazuen halako meritu bat, eta lanbidea gehixeago errespetatzeaz gain, honen fruitua ere gehiago baloratzen zen. Egun, denok argazkilariak izan gaitezkeelako sentipen horrek lanbidea bera eta honen fruitua zerbait arrunta eta baldarra bilakatu du". Bat dator Irantzu Pastor argazkilari lesakarra ere. "Egia da argazkilari izatea bat-batean modako zerbait bihurtu dela. Kezkatzen nau, ez delako argazkilaritza kontziente bat, eta jende askok ez dakielako argazkilaritza ez dela kamara bat izan eta klik egitea bakarrik".
Kameradun mugikorren zabalkundeak argazkilaritzan baino, oro har gizartean eragin duela dio Galder Izagirre argazkilari irundarrak: "Orain exibizionista eta voyeurrak bilakatu gara denak". Bostok Photo agentzia kooperatibako Gari Garaialde fotokazetariak ere ez deritzo edonork argazkiak atera eta zabaltzeko aukera izateak argazkilaritza debaluatu duenik, ondo egindakoak ondo eta gaizki egindakoak gaizki egoten jarraitzen baitu. "Nik uste edonor dela argazkilari izateko gai, idazle, mediku, pilotu eta baita lehendakari ere. Beste kontu bat da ea gero lortuko duen izan nahi duen hori izatea, eta batez ere, ondo egitea". Ekoizpen masibo horrekin lotzen duen arazoa argazki gaindosia da. Instagramek, esaterako, 300 miloi erabiltzaile baino gehiago ditu egun.
"Atsegin dut"-aren bila
Batik bat kontzertuetako argazkilari gisa aritzen den Saioa Cabañasen iritziz, "Atsegin dut" botoiaren bueltan sortzen den jolasa da edonor argazkilari izan daitekeela pentsatzera eraman dezakeena. "Oso erraza da botoiari ematea, baina zaila da jakiten atzean dagoen motiboa laguntasun hutsa edo bestelako interesen bat ez ote den". Dioenez, argazkiak norberaren harreman-saretik kanpoko jendeari ere iritsi eta gustatzen bazaizkio, beste kontu bat da; orduan bai izan daiteke onak diren seinale.
Besteen onarpena lortzea da Instagram darabilten gehienen helburua Amaia Lekunberriren ustez, eta hori nekagarria egiten zaio. "Erabiltzaileen artean argazkilari onak badauden arren, gehienen funts nagusia haien bizitzak magnifikatu eta egoa elikatzea da".
Uste berekoa da Irantzu Pastor ere: "Instagram nartzisismo eta egoismoarentzat sehaska bikaina da". Oro har, sare sozialei eta argazkilaritzari eragiten dien fenomenoa dela dio. "Gero eta jende gehiagok errealitatean ez duen bizimodua irudikatzeko erabiltzen ditu sare sozialak. Horretarako bizi da, argazkia egin eta jendeari hau edo hori dela erakusteko. Horrek ez du zerikusirik argazkigintzarekin".
Filtroek ez dute talentua ordezkatzen
Zeresana ematen duen beste kontu bat mugikorreko aplikazioen bidez argazkiak moldatu eta txukuntzeko erraztasuna da. Filtro edo iragazkiak dira modurik errazena: argazkiari aurretik zehaztutako kontrastea, saturazioa eta bestelako ezaugarri jakin batzuk emateko erabiltzen dira. Irantzu Pastor eszeptikoa da halako baliabideekiko. "Filtroek ez dute argazki hutsala istorioz betetzen, gehienez ere kolore bitxia ematen diote. Mimoz egindako proiektuek eta argazkiek berezko indarra dute eta hori ezin daiteke filtroekin sortu".
Saioa Cabañasek ordea, filtro aproposa aukeratzeak bere balioa duela aitortzen du, Instagram eta halakoetan ere saturazio, kontraste eta abarrak mimoz zaindu daitezkeela argazkiei norberaren ukitu pertsonala emateko. "Photoshopen gisako programetan ere horrelako aukerak badaude. Zein desberdintasun dago bataren eta bestearen artean?"
Argazki hori nirea da
Eta egile eskubideak zer? Sare sozialetan argazkiak zabaltzeak argazkilari profesional askori eragiten die alde horretatik. Ohikoa da hedabide, elkarte eta enparauek argazkilarien lanak baimenik gabe eta egiletza aitortzea "ahaztuta" argitaratzea. Joseba Barrenetxeari ere gertatu izan zaio halakorik. "Azalpenak eskatzean jaso ditudan erantzunak kafkiarrak izan dira. Nonbait batzuk uste dute sarean dauden argazkiak libre direla edonork eta edonola erabiltzeko". Bere lanak Creative Commons lizentziapean zabaltzen dituen arren, kezkatzen duen afera da. "Gure lanarekiko errespetu falta jasangaitza da. Argazkilariok ere langileak gara".
Plataformak ere argazkilariek bertan zabaltzen dituzten edukiak nahieran erabil ditzakete, Gari Garaialdek ohartarazten duenez. "Baldintzak onartzen ditugunean, irudien erabilera eskubide guztiak modu ez esklusiboan ematen dizkiegu". Badaude, hala ere, horri iskin egiteko har daitezkeen neurriak, hala nola, tamaina txikiko argazkiak jartzea edo blogean txertatzea, sare sozialetan esteka bakarrik zabalduz.
Argazkilari profesionalek ere smartphonea dute
Kalitate eta tamaina handiagoko tresnekin ohitutako argazkilariek ere soinean eramaten dituzte, ia denok bezala, argazki kameradun telefono mugikorrak; eta batzuek, baita lanerako erabili ere. Galder Izagirrek berak telefonoarekin egindako erreportaje sorta argitaratua du. "Azken finean, teknikoki kalitate hobea du nire mugikorrak nire lehen argazki kamera digitalak baino". Fotokazetaritzarako ere tresna aparta dela dio, zenbat une erabakigarriren irudiak smartphonen zabalkundeari esker lortu ahal izan direlako.
Barrenetxearen ustez, argazkigintzarekiko interesa pizten ere lagun dezake denok kamera bat eskura izateak. "Argazkigintzan garrantzitsuena ez da tramankulua, begirada baizik eta horregatik, edozein gailu izan daiteke baliagarri". | news |
argia-f7747613ac76 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/euskara-hezkuntzan.html | Hizkuntza ereduak mantendu ala gainditu | Mikel Garcia Idiakez | 2015-05-03 00:00:00 | Hizkuntza ereduak mantendu ala gainditu
Jakina denez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan A, B eta D ereduen artean hautatu daiteke. Eusko Jaurlaritzak datozen urteetarako hezkuntza curriculuma prestatu duen honetan, eskoletan ezarriko den hizkuntza politikaz aritu dira EAJ, EH-Bildu eta PSEko ordezkariak, Donostiako Udalak hezkuntzari berriki eskaini dizkion jardunaldietan.
Aurrerantzean EAEko hezkuntza sistema egituratuko duten curriculum dekretuak prest ditu Jaurlaritzak, Heziberri planaren baitan. Hasierako zirriborroan, saiakera bat antzematen zen eragileek eta Euskadiko Eskola Kontseiluak aspalditik aldarrikatzen duten eskariari erantzuteko: ereduetan oinarritutako sistema gainditzeko beharra. Azken finean, A (gaztelaniaz nagusiki) eta B (ikasgai batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk euskaraz) ereduek ez dutela euskalduntzen argi diote ikerketek. Jaurlaritzaren lehen zirriborro hark euskara ardatz duen sistema eleanitza proposatzen zuen ikastetxeetarako; "euskara ohituraz eta modu normalizatuan erabiltzen dela bermatuko da, barruko nahiz kanpoko jardueretan eta, oro har, eskolako ekintzetan", zioen. Eskola osoa inplikatuz, euskarari trataera integrala ematea eta irizpide horietatik abiatuta ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu propioa egitea planteatzen zuen.
Behin betiko dokumentuan, A, B eta D ereduak mantentzearen alde egin du azkenean Jaurlaritzak, eta aldagai zalantzagarria gehitu du: euskara eskakizuna ikastetxearen inguru soziolinguistikoaren arabera egingo da. Eragile ugarik ez du hori begi onez ikusi, euskararen ezagutzan abiadura ezberdineko zentroak eta ghetto linguistikoak sor ditzakeelakoan. Denei euskara maila bera eskatu beharko litzaiekeela eta helburu horretara iristeko zailtasun eta behar handiagoak dituzten zonaldeetan baliabideak jarri behar liratekeela uste dute. Jaurlaritzarentzat aldiz, lorpen handia da ereduak mantendu ahal izateko Espainiako Gobernuarekin hitzartu duen akordioa, LOMCEk gai honetan eskua sar ez dezan.
Ingurumari horretan, gaiaz eztabaidatu dute Jone Berriozabal EAJko legebiltzarkideak, Juanjo Agirrezabala EH-Bilduko legebiltzarkideak eta Maria Luisa Garcia PSEko Gipuzkoako Hezkuntza arduradunak.
Gauza bera eskatu behar al diegu Ataun eta Oioni?
"Espainiako Gobernuarekin Jaurlaritzak lortutako akordioa azpimarratzekoa da. Gurean euskarak daukan garrantziari eragin ziezaiokeen LOMCEk, eta gure sistema babesteko akordioa lortu dugu. Euskara maila hobetzearen alde gaude, jakina, bai A ereduan, bai B ereduan eta baita D ereduan ere; eredu guztiek dute hobekuntzarako tartea eta prest gaude behar diren neurriak ezartzeko, ordu kopuruak areagotzeko edota metodologia egokitzeko, euskara maila hobetu dadin –dio Berriozabal jeltzaleak–. Nabarmendu behar da eredu bera izan arren, D eredua adibidez, ez dela berdina herri batean edo bestean aplikatzen denean".
"Duela sei-zazpi urte jada Kontseiluak bere txosten guztietan esaten zuen ereduen markoa gainditu egin behar dela. Saiakera egin zen 2008-2009an, hezkuntza eragile guztien adostasunez, baina azkenean bere horretan gelditu zen. A, B eta D ereduak mantendu eta hobetu behar direla diozu, eta badakit Ataungo D eredua eta Oiongoa ez direla inondik inora berdinak, baina hortik abiatuta ere denentzat helburu orokorra jarri beharra dago, eskolan ikasle euskaldunak lortzeko, eta ereduen markoa ez da horretarako baliagarria", adierazi du Agirrezabala EH-Bilduko kideak. "2009an behinik behin esaten zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen zutenerako euskaraz B2 maila gainditzeko prestatuta egon behar zutela ikasleek. PSOEk kolpe batez kendu zuen hori eta orain Jaurlaritzaren Heziberri planak ez du zehazten hizkuntza aldetik zein profil lortu behar duten ikasleek".
Heziberrik irteera profilaz hitz egiten duela erantzun dio Berriozabalek, baina modu orokorrean egiten duela: "Ikasleak izan beharko dituen gaitasunak azaltzen dira. Horrek ez du esan nahi gaitasun hori ebaluatzeko Europako markoko zenbaki bat eman behar zaionik, askoz orokorragoa da irteera profila: hizkuntza gaitasuna izatea, hainbat hizkuntzatan". Garcia PSEko kideak gaineratu du B2 ez dela hezkuntza sistemarako marko bat, atzerriko hizkuntzen maila ebaluatzeko erabiltzen den adierazlea baizik, eta irteera profila jartzeak arrisku handiak dituela uste du, "zuk esan moduan Oion eta Ataun ez direlako gauza bera, eta beraz gauza bera eskatu behar al diegu, abiapuntu zeharo ezberdinak izanik? Gure ikasle gehienen ama hizkuntza ez da euskara eta espazio soziolinguistiko hori kontuan hartu behar da ez bakarrik ikasgelan metodologia ezberdinak erabiltzeko, baita errealitate horren barruan ikastetxeak malgutasunez aritu ahal izateko ere".
Eredu bakarra, Katalunian bezala?
EAJko ordezkariaren hitzetan, ereduen sistema adostasun sozial eta politiko zabal batean dago oinarrituta eta eutsi egin behar zaio "hobea eta legezkoa den eta euskararen segurtasuna bermatuko duen besterik ez dagoen bitartean. Aldatuko bagenu, gutxieneko lau aurre-baldintza eman beharko lirateke: marko berriak emaitza hobeak bermatzea, dugun legedian onargarria izatea, ikuspegi guztietatik egingarria izatea, eta herritarren gehiengoak ulertzea eta nahi izatea. Behin eta berriz diogu eleaniztasunean aurrera egin behar dugula, euskara ardatz hartuta, baina ez dut uste esan daitekeenik ereduen sistemak goia jo duela, beste sistema batek, bat eta bakarrak, ez digulako ezer onik ekarriko". Eta galdera luzatu dio EH-Bilduko legebiltzarkideari: "Ereduen markoa gainditu beharra diozu: markoa gainditzea zer da, eredu bat eta bakarra herri guztientzat? Eredu bat eta bakarra ikasle guztientzat? Horretaz ari bagara, gu ez gatoz bat eta gainera ez da posible, gure buruari eman diogun legediak ez duelako onartzen". Izan ere, Euskararen Legearen arabera (1982) hizkuntza aukeratzeko familiek duten eskubidea bermatu behar da, eta hizkuntza ofizialak bi dira EAEn.
Agirrezabalak erantzun aurretik, PSEko ordezkariak hartu du hitza: ereduak garrantzitsuak direla dio, gizartean egonkortasun eta kohesio elementu inportantea direla argudiatuta, eta hortik mugitzekotan, esperimentazio eta ebaluazio faseak beharko liratekeela azpimarratu du, "ebidentzian eta zehaztasun zientifikoan oinarrituta", eredu hobea dela ziurtatzeko. "Aldi berean, pentsatzen dut ez gaudela 1982an, gizartea asko aldatu dela eta hezkuntza sistemari beste gauza batzuk eskatzen dizkiotela gurasoek. Horiei erantzutea gure eginbeharra da, beti ere akordioan oinarrituta". Isabel Celaá Hezkuntza sailburu zen garaian (PSE) era esperimentalean gauzatu zen hiru eleko eredua ekarri du akordura: eredu horrek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin beharreko gutxieneko eta gehieneko ikastorduak finkatzen zituen eta kritikatua izan zen, beste hizkuntzen mesedetan ardatz behar lukeen euskarari orduak kentzen zitzaizkiolakoan. Garciaren esanetan, baina, "eredu honen ebaluazioa oso ona izan zen; probatu zuten ikastetxeetan ingelesaren ezagutza areagotu zen eta euskara ez zen kaltetuta atera".
"Hiru eleko ereduak ingelesean emaitza onak eman zituela diozu eta euskarari ez ziola kalterik egin, baina hobekuntzarik ere ez zion ekarri" gogoratu du EH-Bilduko politikariak, eta horregatik uste du ikasleak euskalduntzeko ez dela marko egokia. Jeltzalearen itaunari ere erantzun dio: "Eredu bakarra ez omen da posible, baina Kataluniak murgiltze eredua dauka [gure D ereduaren parekoa, ikasgai gehienak euskaraz guk, haiek katalanez], eredu hori baino ez du, bakarra, eta ez da mundua erori". Presentzia handiena euskarak izango duen marko berri batera urratsa emateko une aproposa dela garbi du Agirrezabalak: "2009rako lege proiektuan euskararentzat ikastorduen %60ko presentzia zegoen finkatuta, arrazoi oso sinple batengatik: orokorrean, %60ak bermatzen du hizkuntza konpetentzia oso onak izatea. Eta egin daiteke, aho-betez diozuelako oinarri politiko eta sozial sendoa duela egungo eredu sistemak, baina 1982an onarturiko Euskararen Legetik eratortzen da sistema hau, eta zenbatek bozkatu zuen legea Legebiltzarrean? 75 parlamentaritik 39k. Une hauetan EAJ eta EH-Bildu elkartuta, hezkuntzan euskarak benetan ardatz izan behar duela adosten badugu 75etik 48ren adostasuna genuke, orduan baino handiagoa. Eta hezkuntza eragileak ere denak datoz bat! Zergatik ez da orduan egiten? Zeri diogu beldur? Beti ere, ikasleen hizkuntza konpetentzia hobetzea helburu". | news |
argia-0cace12c8a4b | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/ondo-kudeatutako-gaztetasuna.html | Ondo kudeatutako gaztetasuna | Iker Barandiaran | 2015-05-03 00:00:00 | Ondo kudeatutako gaztetasuna
Never had control
The Lookers
Bloody Mary Records, 2014
Arrazoi osoarekin esan ohi da ez dela gauza bera leku batean edo beste batean jaio izana; horren arabera, gainontzeko pausoak emateko erraztasun edo zailtasun handiagoak izan daitezke. Musikaren alorrean ere kokapenak garrantzi handia du eta hain saturatuta dagoen eszenan ezagutzera emateko eragina du. Ziburuko The Lookers taldeak, berriz, halabeharrez apurtu ditu mugak eta Bloody Mary disko denda eta plataformaren laguntzarekin, han eta hemen bere proposamena plazaratzeari ekin dio azken urteotan gupidarik gabe. Bai, gaur egun atzerriko rock-and-roll, punk-rock eta garage talde askoren emanaldiak zabaltzeko ardura du hirukoteak; baina ez dut oraindik taldearen freskotasunak eta energiak txunditu ez duen rock zalerik ezagutu.
Nico (baxua eta ahotsa), Mikel (gitarra eta koroak) eta Charlie (bateria eta koroak) gazteek osatzen dute The Lookers eta talentua daukate, zinez. Ez zaie ezer zerutik jausi. Are gehiago, egunez egun emanaldi borobilagoak egiten dituzte, energia borborrean dutenak. Seguruenik ez dute ezer asmatu; izan ere, dezente dute hain klasikoak diren punk-rock eta power-popetik, baina iraganeko taldeen estiloa bereganatzeko moduak, berezkoa duten gaztetasun eta freskotasunak eta batez ere berrasmatze prozesuan eta interpretatzean erabilitako energia urduriak txunditu naute.
2012-2013an eman zituzten lehen pausoak –duten adina kontuan hartuta, ezin aurrekaririk irudikatu– eta 2013koak dira beraien lehen bi lanak: It will be Ok/Sally eta Fucking panda EPak. Lan horietan punk-rock eta power-popaz gain, garagea dago presente eta lehen entzunaldian sorpresa gutxi eskaintzen dituzten lan onak izan arren, badira altxor batzuk: Wrong generation ek Patti Smithen eta New Yorkeko errespetuzko poesia distortsioarekin ezkontzen ditu maisuki; eta The sign ek laukotearen marka den kutsu malenkoniatsu, itsaskor eta ustez behartua batzen ditu. Eta We are stupid ek mahai gainera ekartzen digu taldeak kantua handitu-handitu eta biderkatzeko duen gaitasuna.
Birritan ikusi ahal izan ditut zuzenean: batean New Christs handien gonbidatu gisa emanaldi oso txukun eta intrigazkoa egiten; eta bestean, beraiek bakarrik aritu izanagatik jostatzeko askatasuna hartuta agertokitik metroak gora altxatzen eta emanaldi itzela eskaintzen.
Zuzenean taldeak eman ahal duena jasotzeko asmoz, diskoetxe bihurtu da Bloody Mary disko denda eta 10 hatz beteko Never had control diskoa argitaratu du, lau kantuz osatua. Disko honek ez du hirukoteak gau on batean agertokian eskaini dezakeen guztia erakusten, baina bai, ordea, horren arrasto nabariak. Diskoari izena ematen dion Never had control piezak power-pop onenetik –Buzzcocks–, post-punk-etik eta surfetik asko dauka; Higher ek Rollingsen hastapenetatik abiatuta, 77ko punk-rock eta power-pop jostarienetik edaten du; Time k basatitik eta melodikotik, bietatik du, beti ere gitarra makur-makurrekin; eta Like anyone else power-pop oso-oso energetikoa da.
Baina talde honekin alferrik da agertokian transmititzen dutena hitzetan jartzea: hain zuzen ere, energia tonaka, hil ala biziko nerbio eta urduritasuna, iraganeko taldeen esentzia sinesgarritasunez jasotzea, eta batez ere hirukotea izanda taldea eta kantuak biderkatzeko berezko gaitasuna bere horretan aurkitu beharko duzu. | news |
argia-a844f525ce9a | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/eskola-ordutegia.html | Askorentzat sistema berria ez da ona, aurrekoa ere ez | Mikel Asurmendi | 2015-05-03 00:00:00 | Askorentzat sistema berria ez da ona, aurrekoa ere ez
Frantziako Lehen Mailako eta Haur Eskolako erritmoen erreforma hartu dugu aztergai. Hendaiako Gure Ikastolara eta Lizardi eskola publikora hurbildu gara erreformaren eragina ebaluatzeko, maiatzaren 10ean ospatuko den Herri Urratsen 32. edizioaren bezperan.
Eskola sistemaren ezaugarrietako bat denboraren banaketa da. Frantziako Estatuan irakaskuntzak oporren, aisialdien eta eskola-orduen berezko antolaketa dauka. Udaldiko bi hilabeteko –zortzi asteko– oporrez gain, zazpi astetan behin, bi asteko oporraldiak dituzte Haur Eskolako eta Lehen Mailako ikasleek: Omia Saindu, Eguberri, Neguko eta Udaberriko oporrak. Asteko eta eguneko ordutegiaren banaketa oso aldakorra izan da azken hamarkadatan. 2008tik 2014ra bitartean, lau eguneko astea izan zen indarrean, azteazkenean ez zegoen klaserik. Erreformaren ondoren, egungo orduen banaketa hau da: goizetan, 9etatik 12ak arte; arratsaldean 13:45etik 15:45era. Asteazkenetan ere eskola dago, goizean, hiru ordukoa. Eskola publikoa edo pribatu den arabera, ordutegiaren hasiera-amaiera aldatzen da, baita eskualdeen arabera ere. Seaskara jo dugu, eta Hendaiako Gure Ikastola hartu dugu lagin gisara erreformaren ezaugarriak ezagutzeko.
Hezkunde Nazionalaren kezka
Frantziako Hezkunde Nazionala kezkatuta dago ikasleen emaitzak txarrak direlako. Orain, erreformarekin, goizetan ordu gehiago dituzte eta arratsaldeak laburragoak dira. Arratsaldeko orduen murrizteak eskolaz kanpoko jardueren denbora luzatzea ekarri du. Horrek eztabaida piztu du, gurasoen eta langileen aldetik bereziki. Erreformari buruzko ikuspegi desberdinak daude, irakasleek berea dute, eta denek ez dute ere aldaketa berdin baloratzen. Miren Arriaga Hendaiako Gure Ikastolako zuzendariordea da: "Erreforma honen puntu ahulena, gutxien landu dena, eskolaz kanpoko jardueretarako ahalbide egokiak jartzea da, ekonomikoari nahiz pertsonari dagozkienak". Esate baterako, bere iritziz, Herriko Etxeak ez dio laguntza berezirik ematen ikastolari. Uda Leku elkartearekin zegoen NAP kontratua (Nouveaux Activités Periescolaire) ikastolaren esku dago orain. Eskolaz Kanpoko Jarduerak (TAP delakoa) NAP bihurtu da.
Hala ere, irakasle honentzat aldaketa onerako izan da: "Nik handiekin lan egiten dut eta oraingo ordutegia emankorragoa da. Adibidez, hizkuntza, matematika eta ingurumena gaiak goizetan ematen ditut. Lehen, hiru ordu horietatik bat arratsaldean zen. Niretzat galdua". Lehen Mailako haurrek hobeto ikasten dute eta arratsaldea arinago joaten zaie, honen kasuan. Bestelako iritziak badaude, noski. Guraso batzuen ustez haurrak nekatuagoak daude: "Zenbait irakaslek ere hori diote, baina hori ezin diogu soilik erreformari egotzi".
Alegia, ikasleen aldartea eta emaitzak ebaluatzerakoan, ikaskuntzako orduez eta eskolaz kanpoko jarduerez beste, haurren etxeko ordutegiaren eragina ere kontuan hartu behar da. Edonola ere, gurasoek ordutegi berria onartu dute. Bakarren batek ez du onartu asteazken goizetan haurrak eskolara ekartzea.
Mauded Mariezkurrena irakaskuntzan ari da laguntzaile lanetan. Gurasoen eta langileen koordinatzailea da: "Ikastolako langileek hasieran erreforma nahiko nahasia ikusi genuen. Uneon ere, ez dugu haurren onerako denik uste, alderantziz, haurrak oso nekatuta ikusten ditugu. Haurren erritmoaren onerako sortutako erreforma bezala aurkeztu zuten, eta ez da batere hori, gezurra da edo gezurretan aritu dira". Irakasleek beren ordutegia bete ondoren, printzipioz, haurrek aktibitate berezi batzuk bete behar dituzte. Hots, ikastorduetan egiten direnez bestelakoak: "Irakaskuntza orduak eta aktibitate orduak berdinak dira –bi ordu dituzte, eguerdian eta arratsaldean–, ez dago ez mozketarik ez aldaketarik haurrentzat". Astelehenetan izan ezik, erreformak langile laguntzaileentzat ordu bat gehiago ekarri du. Haurrek laguntza pertsonalizatua dute egun horretan, irakasle espezializatuen esku. Langileen ordezkari honen arabera, aldaketaren eragina ez da horren nabarmena haur helduengan, txikiengan bai, agian. Bere ustez, aktibitate motak aldatu beharko lirateke, beste langile-laguntzaile batzuk ekarraraziz, musika, dantza, antzerkia, zirkoa edo kirolak bertan egiteko, eskolan egiten ez dituzten aktibitateak, hori litzateke benetako mozketa eta jarraipena: "Beste aktibitateak landu behar dira, bestela gelan ez dago aldaketarik. Lehen, 15:45etik 16:30era zen kanpoko jolas-garaia. Denbora hori ez zegoen aktibitateen barruan. Orain aktibitateak dituzte, baina horiek ez dira aisialdiak. Haurrek ez dute atsedenik, atentzioa eskatzen zaie, baina ordu horretarako ez dute adimena bizirik, eguna luzeagoa eta astunagoa egiten zaie".
Agurtzane Lana gurasoa da: "Nire haurrak txikiak dira. Haur Eskolan eta Lehen Mailako lehen urtean daude. Udaldi ona pasa ondoren, urriko Omia Saindu oporraldian oso nekatuta iristen ziren etxera. Bitxia zen, goizean ezin jaikiz eta leher eginda gauetan, oraingo erritmora ezin egokituz". Hala ere, guraso honek ez du eguneroko ordutegiaren eraginez aldaketa nabarmenik sentitu bere haurrengan. Askorentzat ordutegia berdina da. Eguerdian, haurrak –ordu bat eta laurdenez– laguntzaileen esku daude. Arratsaldetan, printzipioz, ordubete lehenago ateratzen dira, baina hautazko jarduera batzuk jarri dira halabeharrez. Gurasoen ordutegia dela eta, horiek derrigorrezkoak dira guraso eta haur askorentzat. Aldaketa nabarmena asteazkenean klasea izatea da.
Lehenengo sistema hobea ote zen?: "Soluzio magikorik ez dago, hobetzeko modu bakarra bitartekoak jartzea da. Kronobiologistek diotenez, erreforma bikaina litzateke, baldin eta ordutegia errespetatuko balitz. Baina, gurasoen lana eta familiaren beharra uztartzeko arazoak daude, haurrek ordu gehiegi pasatzen dute haurtzaindegian. Orain, asteazkenean ez datoz aisialdira, eskolara datoz, haurrei egunero kontzentratuak egotea eskatzen zaie". Hezkunde Nazionalak kontrakoa bilatu arren, haurrei lan gehiago egitea eskatzen zaie, alegia: "Lehen urtea da, adabakiak jarri dira gurasoak ez erotzeko. Baina, erreforma egiazki aplikatuko bagenu, haur batzuek etxera joan beharko lukete lehenago, euren erritmoak errespetatuko baditugu. Aldiz, egokitu egiten da, erdi-moldatu, gurasoen martxa sobera oztopatu gabe. Estatuak erreforma ezartzeko dirua eman du bi urtetarako. Esperimentazio fasean gaude, kili-kolo. Eta gero zer?". Laburrean erranik: funtsean, iazko astearen parekoa omen da oraingoa. Asteazkenekoa aldatu da, baina eskola eguna da, ez aisialdia.
Lizardiko guraso bati galdezka
Hendaiako Lizardi ikastetxe publikora ere hurbildu gara. Irakasle batekin hartua genuen hitzordua, bai berarekin, bai langile-laguntzaile eta bai guraso batekin mintzatzeko. Alta, azken unean, eskolako zuzendariak lehen biei gurekin hitz egiteko baimena ukatu die. Baimena ukatu edo ez biltzeko gomendatu. Irakaslearen hitzetan, Hezkunde Nazionalak hedabideekin hitz egitea debekatzen die erakundearen edozein gairi buruz. Hala ere, eskola horretako gurasoen ordezkari Fabienne Paboisekin hitz egin dugu: "Erreforma niretzat egokia da. Erritmoa hobea da, ordutegi bera eta jarraitua ezarri duelako goizero, haurren ikas-metodoa ez delako eteten". Bi alaba ditu, 7 urtekoak, Lehen Mailan biak. Berak nahiago du haurrek bost egunetan dinamika berean aritzea: "Asteazkenetan eskolara datozenetik familian ez dugu astebarruko bizimoduan aldaketarik. Iaz alabak Donostiara eraman behar izaten genituen aitatxi-amatxirengana". Ados dago aktibitateak (musika, kirola, dantza...) eskolan integratzearekin, haur batzuek ez baitute eskolaz kanpo aktibitaterik egiten: "Aurten eskolan kirola edota zirkoa egin ahal izan dituzte, eta dohainik. Nire alabetako batek antzerkia egin nahi du, baina bere adinerako ez dugu aurkitu eskolaz kanpo jarduera hori, hemen aldiz bai, eta euskaraz". Gurasoen ordezkari honen ustetan, eskolako irakasleak ez daude kontent, asteazkenean etorri behar dutelako. Langile-laguntzaileak berriz, NAP delakoarekin kontent dira langile kopurua emendatu delako, Estatuak diru asko sartu duelako erreforma abiarazteko.
Erreformaren eragin ekonomikoa
Eskolaz kanpoko orduak gehiago badira ere, erreformak ez du Hendaiako ikastolara hobetze ekonomikorik ekarri. Gauza asko zintzilik daude. Herriko Etxea eta Herri Elkargoarekin arazoren bat dago betiere, dena ez dago ongi lotua. Estatuak finantzatzeko konpromisoa hartu du bi urtez, baina ondoren, ikastetxe bakoitzak berea ordaindu beharko du.
Xabier Manterola aisialdiak euskaraz antolatzen dituen Uda Leku elkartearen arduraduna da: "Erreforma ideia ona da baldin eta haurren eskola-orduak eta aisialdiak ongi uztartzen badira. Haurrek bi erritmo bizi dituzte, eskola eta aisialdi jardueratakoak". Alabaina, eskolako jarduera ondorengo jarduerekin eta elkarbizitzarekin uztatu behar direla dio: "Erreformaren akatsa, aldaketa azken unean antolatzea izan da, presaka. Irakasleen eta eskolaz kanpoko animatzaileen arteko lotura gaizki egin da. Uztailean erabaki ziren iraileko jardueren antolamenduak".
Erreformak eskolaz kanpoko aktibitateak emendatzea ekarri du, eta ondorioz, Uda Lekuko langile kopurua ere, adierazi digu: "Faltsua da. Gu asteazkenean ari ginen eta erreformarekin lanaren erdia baino gehiago tipitu zaigu. Hiru langile permanenteen postuak galdu ditugu. Asteazkeneko kanpoko orduak eta oporrak dira animatzaileen lan orduak. Gure lan denbora ez da emendatu, animatzaileen kopurua baizik".
Kanpoko jarduerak (musika, dantza, kirola...) eskoletara ekartzeko ideia aipatu diogu, ardura hori Uda Lekuk hartzearen aukeraz: "Gure proiektu pedagogikoa ideia horren kontrakoa da arrunt. Gu ez gara irakasleak, animatzaileak baizik. Gai horiek emango bagenitu eskolaz kanpo ematen den bezala, haiek bezala bihurtuko ginateke. Gure proiektuaren xedea, tailerrak, esku-lanak, gelako eta kanpo jokoak eskaintzea da, haurrak ongi pasatzea. Gurasoek erabaki behar dute haurra nora eraman. Musika, dantza edota kirolera eramatea haiek erabakitzen dute, ez eskolak". Manterolaren ustez, sistema edozein dela ere, beti daude kontraesanak: "Hasteko, haurrek deus ez egiteko eskubidea dute, ez zaie ikastera behartu behar. Gai gero eta gehiago eman nahi zaie, alta, aisialdia behar dute. Betiko arazoa da".
Irakaskuntza sistema aldatu nahi dute Frantzian, Europa aldatzen ari delako. Erregioen berezitasun geografikoak kontuan harturik, udaldiko oporrak are laburragoak izatea nahi omen dute. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Hegoaldea kontuan hartu behar da, naski.
Hendaiako egutegia berezia da oso. Txingudi badiako berezitasunei egokituz joan behar luke tokiko irakaskuntzak. Azken hamarkadan aldaketa sumatu da haatik: "Guk Aste Sainduan nabaritu dugu hori. 180 ikasleetatik 20 baino ez ziren falta aisialdian", esan digu Uda Lekuko arduradunak.
Irakaskuntzan diharduten pertsona hauekin hitz egin ondoren, aspektu hauek ere azpimarratu nahi ditugu: haur bakoitzak bere erritmoa dauka eta sistema bakarra ez da ona guztientzat. Eskola eta eredu anitz daude. Ikerketak eta erreformak egitea ongi dago, praktikan jartzea besterik da. Erritmoen aldaketa batzuentzat ongi etorri da, baina ez ehunetik ehunean. Ez oraingoan ez lehenagoko sisteman ere erritmoak ez ziren guztiz egokiak. Askorentzat sistema hau ez da ona, eta aurrekoa ere ez. Sistema bera da denentzat, baina eskualde batetik bestera eskolaren beharrak aldatzen dira. Eskolaren arrakasta faktore askoren menpe dago. Ekonomiak –kasuon turismoak– agintzen du. Oporrak horren arabera antolatuta daude. Haurrek Gobernuaren politikara eta jendartearen beharretara moldatu behar dute funtsean. | news |
argia-5dfb80f1e2fa | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/sam.html | SAM | Joanes Etxebarria | 2015-05-03 00:00:00 | SAM
Ez da osabaren izena, ez bederen munduan agintzen duen osabarena. SAM Mauleko Kirol Batasunaren izena da (Sport Athlétique Mauléonais, dakidanaz ez diote euskarazko izenik eman) eta batasuneko adar azkarrena, nola ez, errugbia da. Garai batean baskoi (euskaltzale/abertzale), chevreuil (ile luzedun) eta txute (drogatu) ginenentzat SAM bortizkeriaren ikurra zen, hain zuzen, ezaugarri horiengatik jo nahi gintuztelako errugbilari batzuek –eta guk saski berean ezarri genituen denak–.
Duela gutxi Mauleko errugbi partida bat ikustera joan naiz, sasoiko azkena eta ene biziko lehena. Garai batean gaztetxe bat genuelarik haietarik batzuk hurbildu ziren bezala joan nintzen haiengana. Nahiz eta segituko dudan erraten "haiek" eta "gu", onartu beharra dut lagun andana badudala errugbian, zelaian gutxi eta ostatuan gehiago. Lehen estigmatizatu gintuzten batzuek orain frogatzen digute herrialde berekoak garela –ala alderantziz da?–, diferentziak diferentzia. Hori bai, Getxotik ekarri duten jokalariarekin beste bi jokalari mintzo zaizkio bere hizkuntzan, besteak gaztelera traketsean. Horrek baskoiari belarrian min egiten dio. | news |
argia-4656a4976bab | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/lizar-hegalariak.html | Lizar hegalariak | Jakoba Errekondo | 2015-05-03 00:00:00 | Lizar hegalariak
Aldoka-maldoka nabil, batera eta bestera azken aldi honetan, baratzeko liburu berria dela eta. Baratzea ahoan, baina mihura ( Viscum album ) dabilkit buruan. Garai herri dotorean izan naiz lehengo igandean eta nire bizitzako lehen sermoia eman dut: elizan aurkeztu behar izan nuen liburua, kultur etxean ez baitziren kabitzen bertaratutako ehun eta hirurogei lagunak. Kultur etxetik elizarako bidean dago Garaiko Landetxea deiturikoa. Hortxe du, ateburuan, mihura sorta, txibista gorriz apainduta. Kolorea: urrezkoa; iazkoa izango da, jarri berria ez behintzat. Ez zaio alferrik esaten "urrezko adarra" mihurari. Sanjoanetan zaharra sutara eta sorta berria jartzen da. Ebaki berritan berde, baina laster urreztatuko da. Etxea babesten duenean urrezkoa da "urrezko adarra".
Aldoka-maldoka Zugarramurdira, bertan baitago Mihura baserria. Itxuraz, izen bereko Urdazubikoarekin batera, munduan abizen hori hedatzen dutenen habia. Baita zezenketetan burdin marka ezagunena daraman Miura izenarena ere. Zezen eta behi hiltzaile fama duen kasta hori, bai; sortu zenetik kasta horretakoek hamaika lagun hil omen dituzte. Donostian, 1921eko abuztuaren 15ean Emilio Moreno Moreno banderilla sartzaile valentziarra hil zuen Arruceto edo Iruñean 1977ko uztailaren 8an Jose Joakin Esparza Sarazibar zezen plazaren sarreran hil zuen Silletero zezenen kasta.
Aldoka-maldoka Lezoko Herriondo auzora, hor ere bai baita Mihura baserria.
Aldoka-maldoka ibiltzen direnak hegalariak dira, lizar hegalariak ( Fraxinus excelsior ). Baina, noiztik egiten du hegan lizarrak? Nolatan ikasi zuen hegan egiten? Nork erakutsi zion, bere adarrez erakusten duen izarrak akaso? Lizar hegalaria berez ikasita jaiotzen da. Berez dohatsua den gisa berean, alegia. Lizar hegalariak lurrean, ez beste zerbaiten gainean jaiotzen eta bizitzen direnak dira: beste zuhaitzen baten gainean, teilatu gainean... Garai batean, arriskua sumatzen zitzaion edozer egin behar zuenak soinean lizar hegalariren baten hostoa bazeraman, babestuta zela zioten.
Aldoka-maldoka Bizkaian, Nafarroan eta Gipuzkoan barrena ibili ondoren, etxeko karreraren teilatu gainean dudan lizar hegalaria agurtu eta ohera. | news |
argia-7e7246b53cd8 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/kultur-hiriburua-auzitan.html | Kulturak edozer justifikatzen ote du? | Gorka Bereziartua Mitxelena | 2015-05-03 00:00:00 | Kulturak edozer justifikatzen ote du?
Ez dago salbatzeko gauza handirik Donostia 2016n Manuel Delgado antropologo kataluniarraren ustez. Kultur hiriburuari buruz hitz egin zuen joan den astean 2016 Desokupatu taldeak gonbidatuta: gaur egun kultura ulertzeko forma nagusia auzitan jarriz, horrelako gertakarien azpian dagoen hiri eredua kritikatu du.
Donostia 2016ren kontra? Ba bai, jarrera hori edukitzeko eskubidea defendatu du Manuel Delgadok Koldo Mitxelena Kulturunean apirilaren 22an. 2016 Desokupatu mugimenduak ekarri du Bartzelonako Unibertsitateko antropologia irakaslea hitzaldi bat ematera: Kultura aitzakia gisa. Kultur hiriburua eta hirien merkatua. Jakin-mina piztu duela behintzat, duda gutxi. Aretoa beteta dago ekitaldia hasi denerako, lehenbiziko lerroetan bakarrik geratzen dira lekuak libre eta handik entzun diogu esaten Europako kultur hiriburua bezalako ebentoak "dominazio estrategia" baten parte direla.
"Kategoria abstraktuak hedatzen dituzte, edozein esanahi har dezaketenak. Eta beraz, edozer gauza justifikatu". Kasu honetan, "kultura" da kategoria hori. Eta behin eta berriz edukiz hustuta erabili ondoren, badirudi Donostia 2016ren kontra agertzea "kulturaren kontra" aritzearen parekoa dela. Logika sinplista, bai; baina oso zabaldua eta uste baino eraginkorragoa eztabaida publikoa baldintzatzeko.
Benetan inporta duen galdera, ordea, beste bat da Delgadoren ustez: zer justifikatzeko erabiltzen da kultura? Ohiko susmagarrien negozioak aipatu ditu: etxebizitzen promozioak, interes turistikoak...
Donostia "baketuta" dagoela erakutsi nahi?
"Baina hori badakizue", jarraitu du. Azkar hitz egiten du, eguneroko bizitzako adibideak eta erreferentzia akademikoak nahastuz, umoreari muzin egin gabe –publikoa bere alde, tarteka egiten dituen bromei barrez erantzuten diote–. Segi: "Donostia bada hiri kulturala dagoeneko", dio hitzaldira sartu aurretik kalean ikusi duen martxa arrunta deskribatu ondoren. "Agian norbaitek erakutsi nahi du baketutako hiria dela ".
Bartzelonako hiri-ebentoak Donostiakoekin parekatuz, bi kapitalen dimentsioak eta hirien merkatuan daukaten kotizazioa alde batera utziz osatu du Delgadok hitzaldi osoa, paralelismoak marraztuz. Adibidez, 1992ko Joko Olinpikoekin: "Bartzelonak erakutsi nahi izan zuen kiroltasunaren eta bakearen hiria zela, une hartan Mediterraneoaren beste aldean gertatzen ari zen basakeriaren antitesia. Anti-Sarajevo zela".
Gerraren kontra, kirola? Beno, ez du hain gaizki ematen belarrira, ezta? Baina ez da gerra bakarrik, edozein gatazka desagerrarazi nahi du hiri eredu berriak bere ustez. Eta "langileen kontra, kultura" esateak melodia itsusiagoa dauka, berbarako. Horren etsenplua etxetik bertatik atera digu, Euskalduna jauregitik. Bilboko eraikinak daukan itxura "aseptikoa, perfektua" aipatu ondoren, gogora ekarri ditu hamarkada batzuk lehenago egunkarien lehen orriak bete zituzten langile borrokak. Leku berdina da, baina ez dago istiluen arrastorik: "Mezua da kulturak irabazi egin diola gatazkari, kulturak balio duela hiriak baketzeko, konfliktoak ezabatzeko. Batzuek betidanik eduki dute helburu horixe". Detonagailu bat dagoen lekuan, kulturak eragotziko du leherketa, edozein borroka desaktiba dezake, irakasle kataluniarraren iritziz.
Kultura, erlijio laiko hori
Portzierto, erlijio-antropologiako irakaslea da Delgado, nolatan ari da gai honi buruz? Ba, bere esanetan kontua ulertzen dugun moduak badaukalako erlijioarekin zerikusirik. Goazen pausoz pauso: hasteko, zalantzan jarri du zeren arabera erabakitzen den gauza bat kultura den ala ez. "Eremu erabat mistikoa da, pertsona gutxi batzuek esaten dute uneoro zerk merezi duen leku hori okupatzea".
Ondo. Zer gehiago? "Egoera horretan, artistek bitartekari zeregina betetzen dute, operazio sortzaileen bidez esperientzia abstraktu batzuk biziarazten dizkiote jendeari". Bale, eta erlijioa? Orain, orain: "Tradizio kristauko teologiaren zeregin bera da egungo bitartekari kulturalena. Plano laikora pasa da jainkoaren graziaren ideia eta pertsonei aukera eman die unibertsoak sortzeko. Horregatik, santifikazio aparatu bat da kultura. Ez da harritzekoa kontzertuek liturgien antza izatea, kulturguneek tenpluena... Kulturak edozer esan nahi du, eta onartzen denez egia bat inplikatzen duela, kultura estatu-erlijio bat da". Borobiltzeko Karl Marxen remix bat: "Kultura, gaur egun ulertzen den moduan, herriaren opioa da". Ustez birtuosismo kolektiborako tresna, balore zibikoak modu idealean bultzatzen dituen zerbait, komunitatearen tonu morala altxa behar omen duen zera miragarria. Errealitatetik urrun xamar dago dena, dio Delgadok.
Ihesbiderik ba ote dago?
Itzul gaitezen Donostiara. Ez al dago salbatzeko moduko ezer proiektuan orduan? Ezetz uste du antropologoak. Ez, kultura beste modu batera ulertzen ez bada: "Eta izan liteke beste zerbait, baina bahituta daukaten horiei kendu behar zaie. Kultura egunero dago kalean, denak gara izaki kulturalak. Baina egungo terminoetan, dena prestatuta dago pentsa dezazun zure bizitzak ez duela ezer balio. Eta ni kultura bizitzatik banatzeko edozein asmoren aurka nago", baieztatu du, planteamendua berri-berria ere ez dela gogora ekartzearekin batera –surrealistek eta situazionistek antzeko zerbait aldarrikatzen zutela, alegia–.
Galdera-erantzunen tartea hasi aurretik entzuleei ironiazko gomendioa: datorren urteko ekitaldi guztietara joateko –"doan izango direla espero dut"–, eta dena pasatzen denean Julio Iglesias entzuteko, arrazoi izango baitu: " La vida sigue igual " (bizitzak berdin jarraitzen du). Kanta berak badauka beste esaldi bat, antropologoak bere tesia indartzeko aproposagotzat daukana: " Siempre hay por quien vivir por que luchar " (beti dago norengatik bizi, zeren alde borrokatu). Eta noski, bere aburuz, horiek ez dira 2016ko programan agertzen. | news |
argia-66a1e3f59f29 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/hondakin-elektroniko-kopurua-urtez-urte-handituz.html | Hondakin elektroniko kopurua, urtez urte handituz | Joxerra Aizpurua | 2015-05-03 00:00:00 | Hondakin elektroniko kopurua, urtez urte handituz
2014an ezarritako hondakin elektroniko kopuruaren errekorra gainditu zen 2014an: 39,8 milioi tonatik, 41,8ra. Nazio Batuen Unibertsitateak (UNU) egindako azterketaren ondorioz azaleratu dira datuak.
Hondakinen %60 sukaldeko eta komuneko etxe-tresnak izan ziren; telefono eta ordenagailu eramangarriak, berriz, %7 inguru. 2018an 50 milioi tonako kopurua gaindituko dela uste dute ikerlariek. Europako iparraldeko eta erdialdeko estatuek eta AEBek sortzen dute hondakin gehien pertsonako. Kopuru absolutuei dagokienez, nabarmentzekoa da hondakin guztien hiru laurden AEB, Txina, Japonia, Alemania eta Indian eratzen dela.
Kalkulatu da hondakin horietan dauden burdinaren, kobrearen eta urrearen balioa, birziklatuz gero, 48.000 milioi eurokoa izan daitekeela. Bestalde, merkurio, kadmio, kromo eta antzeko elementu toxikoen kopurua bi milioi tonatik gorakoa da. | news |
argia-fb1c54cc26d4 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/euri-urak-bilduz-ibai-agortuak-berpiztu-dituen-gizona.html | Euri urak bilduz ibai agortuak berpiztu dituen gizona | Pello Zubiria Kamino | 2015-05-03 00:00:00 | Euri urak bilduz ibai agortuak berpiztu dituen gizona
Uraren Estokolmoko Saria eman diote Rajendra Singh indiarrari, euri urak kudeatzeko antigoaleko sistemak erabiliz Rajastango herrietan idorteen eragina gutxitu eta agorturiko ibaiak berpiztu dituelako. Utikan urrutiko urtegi handiak: lekuan jasotako eurian datza gakoa. Baserrietako logika bera erabiltzen hasi dira Indiako hiri handietan ere.
Sendagile adjurveda gisa heldu zenean 23 urterekin Indiako Rajastan estatura, 1982an, herritarrei entzun omen zien haien arazo larriena osasun zerbitzua ez baina urik eza zela. Rajastan famatua da bere basamortu eta lehorteengatik.
"Tristetu nintzen ohartzean –kontatu du Rajendra Singhek– gizon gazte gehienak joanak zirela herrietatik, eta geratzen ziren bakanak hirietako bazka hobeen bila ihes egiteko ametsetan bizi zirela. Urik ezarekin borrokan etsita alde egin zutenek dena uzten hemen, zaharrak, emakumeak eta haurrak. Albora laga nituen nire mediku asmoak eta ur faltaz okupatzen hasi nintzen, horrela libratu ahal izateko jendeak hainbat gaixotasunetatik".
Baina ur aferak konpontzen laguntzeko ez zen abiatu lehen munduan bezala herrialde txiroetan administrazioek ezarri dituzten sistemekin lanean. Gaztetan jasotako Mahatma Ghandiren irakaspenen eraginez eta bertako herritar zaharrek uraren kudeaketaz kontatu ziotenari jarraituz, euri urak bildu eta lekuan bertan metatzeko antzinako teknikak erabiltzeari ekin zion.
33 urte geroago, Rajendra Singh Water Man da Indiako jende askorentzako. 2001ean Filipinetako Magsaysay saria eman zioten eta aurten Estokolmoko Water Prize saria.
Honen epaimahaiak nabarmendu du: "Singhek ura berreskuratzeko ahalegin berritzailea egin du, Indiako landa eremuetan ur segurtasuna indartuz, eta irmotasun eta adore bereziak erakutsi ditu behartsuenen bizimoduak hobetzeko ahaleginean". Jendeek edateko ura eskuratzeko asmoz hasita, laster aurkituko zen eskualdearen arazo ekonomiko eta ekologiko konplikatuei aurre egiten.
Rajastanen Johad deitzen diren aspaldiko ur biltegiak izan dira berreskuratzearen gako nagusia. Ehunka urtez urtegi txikiak antolatu dituzte alderdi haietako sakonune eta erreka-zuloetan, urtean oso egun gutxitan monzoiek suilez botatzen duten euri kopuru handia ahalik eta gehien lekuan bertan metatzeko: zorua zulatu eta inguruan harriz, buztinez eta ahal denaz eraiki hesia, urak ahalik eta gehien iraun dezan bertan, jendeen, azienden, laboreen eta inguruko izaki basatien egarria asetzeko.
Inperio ingelesaren nagusitzearekin hasi ziren baztertzen betiko sistemok eta independentzia ostean administrazio berriko funtzionarioek eten bera sakondu zuten. Ura herrietara bezala hirietara urrutiko urtegietatik eraman behar zen, hodietan barrena, ingeniariek unibertsitateetan ikasi duten ereduan. Sistema zentralizatua, garestia, azpiegiturak jasan behar dituztenentzako kaltegarria, eta oro har... efikazia gutxikoa.
Rain Water Harvesting webguneak nabarmentzen duenez, mundu aberatsean estandartzat jotzen den sistemak Indian ibai eta errekak hondatu eta kutsatu ditu, urtegiak urratzeko herri osoak lekualdatu dituzte bortizki. Gero lurzoruak salinizatu dira eta lurpeko urak agortu.
Ur egarria konpondu beharrean, arazoa okerragotu egin dute urtegi eta hodien bidezko hornidura sistemek eta gaur Indiako leku askotan lehorteak gogorragoak dira duela berrogei urte baino, horrek dakartzan arazo ekonomiko eta gatazka sozial gogorrekin.
Uraren auto-kudeaketa
Tarun Bharat Sangh mugimenduak hedatzen du gaur Rajendra Singhek 1980ko hamarkadan hasitakoa. Famatuak dira hark ehunka herritan urratutako johad urtegiak, baina bestelako eraikin motak ere badituzte.
Asko erabiltzen dituzte, esaterako, kontrol-hesiak , check damm ingelesez: erreka eta ibaietan tarteka hesiak ipinirik, horietan geldiarazten dute ura eurite handietan, ibaia mantsoago jaistera behartuz eta ekaitz laburretan jausitako ura bertan denbora luzeagoz atxikiz.
Putzu, osin eta hesiok abantaila galantak erakutsi dituzte denborarekin. Uholdeak gutxitzen dituzte ibaien beheragoko parajeetan. Eta urari eustean, inguruko herritarren beharrak asetzeaz gain ekosistema osoa hezetzen dute, landareak elikatuz eta horien babesera azienda eta animalia basak erakarriz.
Baina Rajendra Singh berak ere aitortzen du ezusteko handiagoa izan zela Alwar eskualdeko ibai bat berpizten ikustea. Zaharrek aipatzen zuten arren noizbait aspaldi ura eramaten zuela, herritarrek betidanik agorturik ikusia zuten. Hiru urteren bueltan, inguruetako lurpeko akuiferoak berriro urez ase ahala, harri idorren artean ura azaldu zen berriro.
Gaur Singh gizon ezaguna den arren, lehen urteetan ahotik ahorako famak hedatu zituen bere sistemak Rajastan osoan barrena: Alwarreko urmael, presa, osin eta putzuen inguruan nekazaritzarako ura bazen berriro, baso txikiak sortzen ari ziren, ahaztutako hegazti eta pizti basatiak agertzen...
" Jal-jameen-jungle " (ura-lurra-basoa) kanpaina baserrietako bizimodua hobetzeko helburuz sortu den arren, gaur da eguna Indiako hiri handietan ere hedatzen ari direna uraren kudeaketarako Singh eta lekuko nekazariek berreskuratu eta egokitutako usadiozko sistemak.
Rain Water Harvesting (Euri Ura Uztatuz) webguneak azaltzen duenez, "eurien ur-uzta da bildu behar duguna. Ez presak eraikitzea haren bidea oztopatzeko; ez lurpekoa zurrupatzea, azpi guztia lehortu arte; ez kanalak eta milaka kilometro hodi eraikitzea. Euria biltzea, hori baizik ez da ura biltzea".
Indiako kasuan, monzoiek euria ordu gutxiko tartean oparitzen diote lurrari, sekulako zaparradatan. Lehenik uholdeak eragiten dituzte; urak eskapo egindakoan, aste gutxiren bueltan, lehortea berriro. Zaparraden fruituak denboran luzatzea da estrategia, horretarako euri-ura eroritako lekuan bertan bilduz.
Estrategia bera egokitu dute hirietan, Chennai, Bangalore eta Delhiko auzo eta eraikinetako teilatuetatik euriak jasota tanke handietan bilduz. Urtegi eta hoditeria erraldoi karioak soluzio txarra direla ohartuta, teknologia oso bat jartzen da martxan, urak bildu, garbitu, potabilizatu eta bideratzeko.
Indiako adibideok badituzte baliokideak munduko leku askotan. Europatik, esaterako, Joseph Orszagh hungariar-belgikarrak euri-ura probesten duen Eautarcie sistema zabaldu du. Rajendra Singhek Rajastanen aurkitu zuena Orszaghek Kongoko Kinshasan topatu zuen. Alegia, euri-ura modurik merke, erraz eta iraunkorrenean erabili beharra, industrializazioak ezarritako kudeaketa baztertuta.
Uraren hornidura eta erabilera auto-kudeatua da proposamen zahar berria. Baina... horrek lekarke herritarren uraren jabe egin diren indar handiek ezarritako egia bakarra urratzea. | news |
argia-8d838e7253b1 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/marcelino-soroaren-akrobazia-bikoitza.html | Marcelino Soroaren akrobazia bikoitza | Nagore Irazustabarrena Uranga | 2015-05-03 00:00:00 | Marcelino Soroaren akrobazia bikoitza
Donostia, 1870. Udalaren babesaz eta Jose Peña gimnastaren laguntzaz Euskal Herriko lehen gimnasioa jarri zuen abian Marcelino Soroa Lasak (1848-1902) Heriz Etxean, ateko idazpuruan Academia de gimnasia dirigida por los hermanos Arquímedes jartzen zuen arren. Hurrengo urtean, Andia kalean, zirkoa prestatu zuten gimnasioan egindako lana jendaurrean erakusteko asmoz. Marcelino Soroak berak hainbat ariketa egin behar zituen trapezio bikoitzetik zintzilik, oinetan bolbora zuela. Baina gauzak ez ziren behar bezala gertatu eta Soroak erredura larriak izan zituen eskuineko izterrean.
Ez zen hura izan, ordea, jarduna eteteko eta gimnasioa ixteko arrazoia, Gerra Karlista baizik. Soroak Ziburura alde egin zuen 1872an eta bost urtean ez zen itzuli. Orduan, 1877an, berriro ere Soroaren zuzendaritzapean, udal gimnasio berria Peñaflorida kaleko eskoletako sotoan prestatu zuten. Baita ederki prestatu ere. Francisco López Alén idazle eta margolariak RevistaVascongadan idatzi zuenez: "Akademiak itxura bikaina zuen; ariketa-trenen multzoa honakoek osatzen zuten: burdinazko nahiz egurrezko trapezio bakun eta bikoitzak, soka lodi berdin zein korapilodunak, hainbat praktikarako askotariko uztaiak, lehorreko nahiz itsasontzietako eskailerak, pika sorta, txirrika sorta, orotariko eraztunak, makila sorta, pisu bilduma osoa, indar praktiketarako gomak, burdinazko eta egurrezko barrak, eskailera ortopedikoa, eskailera horizontala, zaldi makurra, hainbat sistematako barra paraleloak eta abar".
1878an La Infantil del Gimnasio elkartea sortu zuen, jardun fisikoa umetatik sustatzeko. Udalak lan horretan ere lagundu zion, eta hainbat urtez indarrean egongo zen ebazpen baten bidez, hiriko eskola publikoetako haur guztientzat gimnasia derrigorrezkoa izango zela erabaki zuen.
Soroa hil zenean La Voz de Guipúzcoa k zera idatzi zuen haurren gimnasioari buruz: "Donostiako mutiko guztiak bertatik pasa ziren eta, egun gizonak diren mutil koskor horien artean, itsasgizonak, medikuak, militarrak, ingeniariak, abokatuak, artistak, apaizak eta abar ditugu". Artikulua ez zen erabat zuzena, udalaren ebazpenak, mutikoez gain, neskak ere barne hartzen baitzituen. Eta helduen gimnasioan gehienak gizonezkoak izan arren, gorde diren zerrendetan emakume izenak ere ageri dira: María de Aizpurua, Carmen Besné, Rufina Soroa, Paquita eta Teresita Rodriguez, Luisa Uranga...
Marcelino Soroak zuzenbidea ikasi zuen Valladoliden, eta euskara hutsezko lehen antzezlanaren ( Anton Kaiku , 1878) egilea izateagatik da ezaguna. Baina gimnasia izan zuen beti bizibide. | news |
argia-f93391640277 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/lurrean-ezin-bizi-eta-itsasoan-hil-behar.html | Lurrean ezin bizi eta itsasoan hil behar | Garbi�e Biurrun | 2015-05-03 00:00:00 | Lurrean ezin bizi eta itsasoan hil behar
Gogorra eta, batez ere, oso deserosoa egiten zaigu albiste batzuk entzutea. Hobeto esanda, gogorra da jakitea. Planeta osoan pertsona gehiegi sufritzen ari dela jakitea; gure mundua beraientzat "paradisua" dela jakitea –"oraindik irabazi gabeko paradisua" eta ez "paradisu galdua"–; pertsona gehiegik nahiago duela bizia galtzea bizimodua alferrik ateratzen saiatzea baino, euren seme-alabak hiltzen ikustea baino eta, azken finean, euren jaioterrietan jarraitzea baino.
Gogorra egin beharko litzaiguke jakitea, baita ere, ehunka eta milaka pertsona hiltzen direla itsasoan guregana iristen saiatzerakoan eta inoiz ez dugula jakingo zenbat ziren, nortzuk ziren, zer izen zeukaten, zer utzi zuten atzean, zein zeuzkaten zain eta inork inoiz ez duela jakingo zehazki zer gertatu zitzaien.
Gogorra da, noski, irakurtzea, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, 2013an 60.000 lagun saiatu zirela Ipar Afrikatik Italiara iristen eta kopuru hau 170.000 lagunekoa izan zela 2014an. Oraindik 2015 urteari buruzko daturik ez daukagun arren, iragan berri egun hauetan gertatutakoari begirada bat ematea nahikoa zaigu zifra horiek guztiz gaindituta daudela ohartzeko. Eta kontuan hartu gehienak, gaur egun, iheslari politikoak direla eta Genevako Konbentzioa aplikatu beharko litzaiekeela, asilo-eskubidea aitortuz.
Gogorra, baita ere, irakurtzea –eta jakitea– hau guztia, edota gehiena behintzat, saihesgarria dela eta bi planotan jar daitezkeela irtenbideak. Zeren eta ikusten ari garen benetako drama honek bi arrazoi garbi ditu: alde batetik, planetako herrialde askotan gertatzen diren pobrezia eta liskar eta jazarpen politikoak; bestetik, Mendebaldeko herrialdeek –Europar Batasunak, kasuan– migrazioekiko hartu duten jarrera.
Gogorra kontuan hartzea gure "paradisuak" daukan ardura hainbat herrialdetako egoeraz: nola jarraitzen dugun lurralde haien aberastasunak ustiatzen eta euren jendea esplotatzen; nola egiten dugun "politika" herrialde askotan eta haiek desegonkortzen –begira, bestela, Libian edota Sirian gertatzen ari dena–; nola murriztu dugun nabarmenki garapenerako lankidetzari eskainitako diru kopurua eta, beraz, lankidetza bera eta herrialde horien garatzeko aukerak.
Gogorra jakitea zer-nolako neurriak hartzen ari diren Europar Batasuneko mugak estutzeko edo blindatzeko, Espainian, Grezian… gure "lurraldeak" eta, batez ere, gure bizimodua eta gure lasaitasuna babesteko asmoz –nola itzuliko diren etorkinak mugetatik "bero-beroan", giza eskubideen aurka zuzenean doan neurri baten bitartez–. Eta ez da arinagoa jakitea, Amnesty Internationalen hitzetan, drama hau saihesteko edota bere ondorioak murrizteko beharrezkoak izango liratekeen neurri zuzenik ez dela hartzen, hau da, Mediterraneo Itsasoan erreskaterako bitartekoak ez direla mantentzen, posible izan arren.
Gogorra egin beharko litzaiguke ohartzea egoera hau gure zakarkeriaren, bihozgabekeriaren eta bortizkeriaren ondorio zuzena dela; ez dela posible gure bizimodu pertsonala eta kolektiboa bere horretan mantentzea beste askoren oinarrizko eskubideak errespetatu gabe, eta derrigortuta gaudela gure "paradisu" honen abantailak eta arauak aldatzera.
Gogorra eta injustua egiten zaigu gure seme-alabak lan edo askatasun bila atzerrira joan behar izatea. Pentsa dezagun, une batez, zer izango litzatekeen horretarako euren biziak itsasoan utzi beharko balituzte.
Jasanezinezkoa izan beharko luke denontzat injustizia honek. | news |
argia-3e7199792aac | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/hildakoak-mediterraneoan.html | Sorospenaren gainetik migrazioa oztopatzea hobesten denean | Mikel Garcia Idiakez | 2015-05-03 00:00:00 | Sorospenaren gainetik migrazioa oztopatzea hobesten denean
Astebetean 1.400 lagun inguruk bizitza Mediterraneoan galdu ostean, berriz ere gaitzespen diskurtso hanpatuak entzun dizkiegu Europako mandatariei. Baina betiko migrazio politikari eustea –eta are, indartzea– adostu dute: bide legalen eta sorospenaren gainetik, murru gero eta altuagoak eta sendoagoak eraikitzea, Europa den gotorlekuaren inguruan.
Italiak Mare Nostrum programa jarri zuen martxan 2013an eta Mediterraneoa gurutzatu nahi zuten migratzaileak erreskatatzea zuen bere funtzioen barruan. Hilero 9 milioi euro bideratu zituen Italiak programa honetara (Europar Batasunaren laguntzarik gabe) eta 150.000 lagun inguru salbatu zituzten.
EBko hainbat gobernurentzat ordea –tartean Mariano Rajoyren Gobernuarentzat–, bizitzak salbatzen dituen horrelako programa bat pizgarri eta akuilu da migratzaileentzat, Europara bidaiatu nahi izatea sustatzen duelakoan. Ondorioa: Mare Nostrum desagertu eta Triton programa jarri zuen martxan EBk 2014an: Mare Nostrumen herena du aurrekontua, sorospena ez baizik mugak kontrolatzea du helburu eta 1.500 hildako baino gehiago izan da orain arteko emaitza.
Azken finean, 2004an EBk kanpo-mugetako kontrola indartzeko Frontex agentzia sortu zuenetik (Triton programa Frontex-en barruan dago) migratzaileen bidaia eragoztea izan du eginkizun nagusi eta lehentasunezko. Ez alferrik hainbat salaketa ditu Frontexek bere gain, aldamenetik barkuak pasa eta laguntza behar zuen jendeari jaramonik ez egitea leporatuta.
Zer erabaki berri du Europak?
Azken gertakarien ostean, migrazio politikaz hitz egiteko bildu da Europako Batzordea. Triton programa sendotzea adostu dute –hots, kontrola areagotzea–, migratzaileekin trafikatzen dutenen aurkako borroka indartzea, jatorriko herrialdeetan bertan migrazioa eragozteko neurriak hartzea eta bidean "atzemandako" migratzaileak horietara itzultzeko akordioak lortzea. Labur esanda, gerran edo miserian dauden herrialdeetatik ihes egin nahi dutenak haietan jarraitzera kondenatu nahi ditu Europako migrazio politikak –sarri gerra eta miseria horietan esku-hartze nabarmena izan duenean Europak berak–.
Errefuxiatuak Europa osoan hartzeko programa pilotua ere onartu du Batzordeak, baina argi utzi du borondatezkoa izango dela –herrialde bakoitzak errefuxiatuak hartzeko duen borondatearen edo borondate ezaren esku egongo dela, alegia–. Gainera, kopurua ere gakoa izango da. Zenbat errefuxiatu hartzeko prest dago Europa? Urtean 5.000 zioen hasierako zirriborroak, eta horrek esan nahiko luke 150.000 bat kanpoan geratuko liratekeela.
Badaude soluzioak
Kontrol eta traba gehiago jartzeak ez dituela hildakoak gutxituko ohartarazi dute Amnesty International eta errefuxiatuen babeserako ACNUR erakundeek. Azken honen proposamenak dira, besteak beste, itsasoan bilaketa eta sorospena bermatuko duen programa ezartzea, pertsonak erreskatatzen dituzten barkuei ordainsaria ematea, bisatu humanitarioak ateratzea, halako bidaiei ez ekiteko migratzaileei leku alternatibo bat eskaintzea edota Italia eta Greziara iristen diren errefuxiatu siriarrak birkokatzeko ekimena abiatzea. Europan sartzeko bide legalak irekitzea da aldarrikapen nagusietakoa, baina halakoei entzungor zaie EB eta Europa gotorlekua bailitzan babestea da bere filosofia. | news |
argia-095515da5795 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/jose-moreno.html | "Frankismoaren biktimak ere aitortzean izango da bakea Euskadin" | Miel Anjel Elustondo | 2015-05-03 00:00:00 | "Frankismoaren biktimak ere aitortzean izango da bakea Euskadin"
Urte asko dira Espainiako Gerra Zibil hartatik eta, era berean, urte asko dira Jose Moreno Torres jaio zenetik. Infernu hura bizitzea gertatu zitzaion gudariari, eta gaur egun gero baino gero gutxiago dira hura kontatzeko Joseren sasoia dutenak.
Parte zara Servini epaileak Argentinan frankismoaren krimenak ikertzeko zabaldu zuen kereilan. Zer diozu bertan?
Eta zer esango dut, bada! Ikusi nuena, egin zidatena, sufritu nuena! Kereilan esaten denez, Francoren altxamenduaren errepresaliatua naiz, eta, finean, horrexen testimonioa ematen dut. Besterik ez. Kolpe militarraren bezperakoak kontatuz hasten naiz. Ondo gogoan dut egun hura. 17 urte nituen eta Erandioko jaietan ginen lagunok, Astrabuduan, berbenan. Erromerian ginen, baina festak ez zuen luze iraun, Errepublikaren Erasoko Guardia azaldu zelako. Bat-batean azaldu ziren, eta dantzaldia bertan behera uzteko agindu zuten. Francoren matxinadaren bezpera zen: Afrikan militarrak altxatu egin zirela esan ziguten. Handik bi egunera gerra hasi zen Euskal Herrian. Bada, ikustekoa izan zen, bi egunean herri osoa mobilizatu zen; faxisten erasoaren kontra, esan nahi dut. Gure herrian, izena emateko bulegoa ireki zuten Deustuko San Pedro plazan. Izena eman nuen, eta Sondikako aireportuko lanetara bidali ninduten. Baina 17 urte nik, eta hura lan aspergarria zitzaidan. Bestalde, ordurako ni solidarioetakoa [ELA-STV] nintzen, eta sindikatura jo nuen beste lagun batekin batera. Horrela, trintxerak egitera bidali gintuzten, San Andres gudarostean.
Non ibili zineten?
San Andres gudarostea Zallan eratu zen, eta Balmasedan egin genuen instrukzioa. Hura egin eta Zeanurira bidali gintuzten eta han trintxerak egin eta trintxerak egin ibili ginen, hilabete batzuetan. Baina nazionalek Bilbo hartzera jo zutenean, trintxera haiek utzi eta atzera egin behar izan genuen. Lemoara joateko agindu ziguten, baina ez zegoen modurik, frankisten esku zegoelako ordurako. Hortaz, Gorbeia aldetik jo eta Orozkon babestu ginen. Handik, atzeraka, Santanderraino joan ginen. Santoñako komentu batean hartu gintuzten eta han fusilari izendatu gintuzten. Horrela, 1937ko abuztuan, Euskal Herrian izan zen azken borroketako batean hartu genuen parte, Balmaseda inguruko Kolitza mendian. Egia esan, borroka hartan besterik ez nuen parte hartu nik, eta galdu egin genuen gainera... Esate baterako, horixe kontatzen dut Servini epaileari idatzitako dokumentuan.
Hortik hasten zara kontatzen, baina hor ez zen amaitu zure kalbarioa…
Amaitu? Orduantxe hasi zen! Honezkero badakizu Santoñakoa. Hara joateko agindua eman ziguten, eta obeditu egin genuen. Mussoliniren tropen esku izan ginen, preso. Espainol batzuk ere baziren han, agintari batzuk, alkandora urdinak soinean, uztarria eta geziak bertan josita: Jainkoaren etxera joango ginela esaten ziguten. Italiarren esku, hainbestean ginen! Haiekin ez zen torturarik ez fusilamendurik izan. Preso ginen, baina eskubideak ere bagenituen. Armak eman genizkien eta itsasontzi ingelesetan aterako ginela handik esan ziguten. Dena gezurra! Italiarrek engainatu egin gintuzten, traizionatu egin gintuzten, eta frankisten esku geratu ginen. Eta orduan, akabo, infernua hasi zen! Handik atzera pertsona izateari utzi eta piztia bihurtu gintuzten. Abereak eramateko trenean sartu eta kontzentrazio-esparrura eraman ninduten, beste askorekin batera. San Juan de Mozarrifar zen herria, Zaragozan. Zazpi egun egin genituen treneko bagoian: ogi bat eta lata bat sardina izan genuen lau presorentzat. Horixe gure jatekoa zazpi egun haietan. San Juan de Mozarrifarren izan nintzen preso, baina oraingo dispertsioaren moduan ibili gintuzten gu ere: Santanderren izan nintzen; eta San Gregorion, Huescan; eta Larrinagan eta Eskolapioetan Bilbon… Piztiak bagina bezala hartzen gintuzten. Plater bat bakarra genuen, bertatik jaten genuen, eta bertan egin behar izaten genuen kaka! Gauza asko ez dira kontatzekoak. Gogoan dauzkat, ez ditut ahaztu, baina ez dira kontatzekoak. Oroitzapen txar asko. Ni, hala ere, bizirik irten nintzen, baina bertan hil ziren asko eta asko. Tartean, nire koinatua, Juan Lopez Balza. Deustuko Erriberan jaioa zen, sozialista, UGTkoa, eta Euskadiko infanteriakoa. Puerto Santa Marían hil zen 1940an, medikurik izan ez zuelako. Oraindik orain jakin dugu koinatuari gertatua, Aranzadiko Pako Etxeberriaren bitartez. Juanen heriotza eragin zutenek ez dute zigorrik jaso egundaino! Eta zer nahi duzu esatea.
Lan behartuetan jardun zenuen, fortzatuetan.
25. Langile Batailoian, Zaragozako Jaulin herriko kontzentrazio esparruan eduki gintuzten. Langile Batailoia! Izan, kontzentrazio esparruak ziren haiek, benetan. Errepideak egiten jarri gintuzten, eta hobe zenuen lana gogotik egin. Behin, gorabehera bat izan zen, eta gainezka egin nuen: "La madre que los parió, todos se han vuelto fascistas". Barru-barrutik atera zitzaidan, halakoxea nuen-eta ondoeza. Guardian zegoenak aditu egin zidan, eta kargu hartu, pistolarekin mehatxuka, bertan hilko ninduela esanez. Gauean "paseoan" aterako nindutela uste izan nuen egun hartan. Ez ninduten akabatu, baina epaiketa egin zidaten, sumarisimoa, eta baldintzarik gabeko espetxealdira kondenatu ninduten, "matxinadari laguntzeagatik". Matxinada, ordea, Francoren militarrena izan zen, ez gurea. 1939an izan zen hori, Servini epaileari kontatu diodanez. Urte hartako amaieran absolbitu egin ninduten, baina libre utzi ez. Soldadutza egitera bidali ninduten: Ferrolera lehenengo, eta Mallorcara gero.
Zenbat urte eman zenituen horrela, batera eta bestera?
1936ko uztailean irten nintzen etxetik, eta 1941era arte ez nintzen atzera bertara sartu! Bost urte erabili ninduten horrela, kontzentrazio esparru, langile batailoi, kartzela eta soldadu. Bost urte! Eta Bilbora etorri nintzenean, nik usteko ez nuena, errepresio gehiago, behin ere amaituko ez zena. Esaterako, jarrera oneko ziurtagiria eskatzen hasi ziren, edozertarako. Hasteko, lanerako. Marinel izana nintzen gerra aurretik, eta marinel segitu nahi nuen nik lanean. Hortaz, joaten naiz Elorrietako guardia zibilen kuartelera, eta, sartu orduko, kornetak, morroi bat oso zakarra, oso biolentoa, jo eta bi ostia eman zizkidan eta Arriba España, Viva Franco esatera behartu. Zartakoa eman, oihu haiek egitera behartu… baina jarrera oneko agiririk ez! Kalera bota ninduen. Horrelaxe. Nik nabigatzera irten nahi nuen lanean, baina ezin izan nuen. Bestelako bideak egin behar izan nituen. Horrelaxe gure egunak. Horixe kontatzen diot Servini epaileari…
Nola egin zenuen bizian aurrera?
Ahal zen moduan! Nabigatzera joateko modurik ez nuenez, Astilleros Españoles enpresan sartu nintzen nola edo hala. Han lan egin ahal izan nuen, behintzat. Hantxe ezagutu nuen emaztea izango zena, Carmen Gutierrez. Nire andreak 20 urte zituen ezkondu zenean eta nik 24. Sestaon ezkondu ginen, eta abadeak ez zigun dirurik hartu nahi izan: "Nola hartuko dizuet dirurik, jatekorik ere ez daukazue eta!". Amaginarrebak lagundu gintuen, eta eskerrak horri. Amaginarrebari ere Saturrarango kartzelan hil zitzaion alaba bat, eta nire andreak ezkontzeko soinekoa Saturrarango kartzelako manta bat ebaki eta josita egin zuen. Bi ume izan genituen. Lehenengoa izan genuenean, adibidez, jatekorik erosteko lain ere ez genuen. Andreak umeari titia eman nahi, baina esnea atera beharrean ura besterik ez zitzaion irteten bularretik. Huraxe frankismoa!
Argentinako Maria Servini epailea azaldu artean ez duzu zure egia kontatzeko modurik izan?
Kasik 70 urte egin ditugu isilik. Isilik, eta ahaztuta. Gaitz erdi, ni kontatzeko moduan naiz, baina milaka hil zituzten, fusilatuta eta bestela, eta desagertuta daude oraindik haien gorpuetarik asko eta asko. Nik esatera, 70 urte egin ditugu ahaztuta eta isilik. 2006an, Ibarretxeren gobernua gutaz arduratzen hasi zen, Frankismoaren Biktimen Legea egin zuen eta gure testimonioak biltzeari ekin zion. Monumentua ere jaso zuen Artxandan, gudarien oroimenez: Aztarna. Joan zara bisitan? Ikustekoa da! Nik lortu nuela esaten dute, baina ni baino lehen Otsoa de Trintxertu eta Anton Aurre saiatu ziren. Nik haien lanari jarraipena eman besterik ez dut egin. Aterpe 36 elkartea ere abiarazi zuen Jaurlaritzak, baina ez du izan behar besteko jarraipenik. Sakonago saiatu behar zuen. Harrezkero batera eta bestera ibili naiz, gazteei ere kontatu izan diet gertatutakoa, batere ez dakite eta! Gazteek ez dakite zer izan zen hura, gerra izan zela, gerra hura egin genuen batzuk oraindik bizirik gaudela. Prentsara ere hainbat eskutitz bidali ditut. Eskutitz bidez ematen dut nik iritzia, eskutitzetan esan dut pentsatzen dudana, frankismoaren krimenak salatuz beti. Baita krimen haiek ezkutatu edo isilarazi nahi dituzten alderdi politikoen kontra ere. Nik neure lema dut, eta halaxe idatzi nion Servini epaileari ere: "Frankismoaren biktimak ere aitortzen direnean izango da bakea Euskadin". Lan asko dago egiteko, baina saiatu ezik ez dugu mundu justuago bat egingo. | news |
argia-586ac349d198 | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/ilargia-lekuko.html | Mundu jakin bat | Aritz Galarraga | 2015-05-03 00:00:00 | Mundu jakin bat
Ilargia lekuko
Jesusmari Mendizabal
Erein, 1989
Geografia literario batzuek fikziozkoa dute izena. Gogoratu gurean Otsabide, Trilluelos, Obaba. Beste batzuek, aldiz, ez dute zertan asmatu izenik, eta ofiziozko mapetan agertzen direnak ekartzen dituzte literaturara: esate batera, Bera, Biriatu, Behobia, Pausu, Irun, Hendaia, Hondarribia, Jesusmari Mendizabalen Ilargia lekuko narrazio bilduma honetan. Joserra Garziak, hitzaurretik, "nobela izeneko askok lortzen ez duena lortzen duelarik: mundu jakin baten islada, ikuspegi askotatik eta askotariko ikuspegiz ematea. Polifonia deitzen diote horri adituek". Eta zein da mundu demonio hori, ez baita bakarrik geografia: bada, "Bidasoa behereko kontrabandisten mundua" –gehi, azken ipuinean, Hondarribiko alegia aspaldiko bat, bonus track gisara–.
Kontrabandistak, beraz, bai, "gau hotzetako gizon busti haiek". Baina ez bakarrik: berdin etxean zain dauden emakumeak, zelatariarena egiten duen atsoa edota txalupa bitartez aritzen diren arrain saltzaileak. Eta ez halaber bakarrik tabako ron eta kanela: berdin hezur haragizko pertsonak, "marroki, portuges edo dena delakoak, Frantziko aldera eramateko". Ondo esan zuen Josu Landak 90ean: pertsonaiak abenturero bezala aurkeztu gabe, heroismo erromantikoetatik urrun, kanpoko ikuspegi batek sortarazi ohi dituen joera moralizanteak erabat baztertuz. Baina Landak berriz ondo esan bezala, pertsonaiak modu positiboegian agertuta, "apenas maltzurkeriarik dagoen eta jende guztiak fideltasunik handienarekin jokatzen baitu aldioro".
Akaso izango da bilduma honek ahozko literaturarekin daukan zorraren ondorioa, ikuspegi apur batean manikeoa. Baina zorra ez da nolanahikoa, egileak berak aitortzen du: "Paperetan ez dugu euskaldunok ezer asko esan eta gurerik apenas datorren dokumentaturik. Alde horretatik motz-mutu izan garen arren, ez ahotik belarrirakoan horratik!". Garziak ere eskertzen dio ahalegina, nahiz egin aditz okerrarekin: "kontakizunak literatur statusera jasotzeko". Eta konturen bat aurretik irakurrita geneukan Mikel Tabernaren testuren batean, lehen aipatutako bonus track hori egiten zitzaigun noski ezaguna. Geografia partekatzearen ajeak. Baina gera gaitezen hitzaurrean aipatzen denarekin: "Zail da gaur egungo euskal literaturan liburu honen sailkiderik topatzen". Garaitsu hartakoa da Obabakoak .
Itzulpen – Eguzki kolpea , 2009ko Euskadi sari– eta gazteentzako liburuen egile, balirudike Juan Rulforen hura gertatu zaiola Mendizabali: helduentzako bilduma bakar, osaba ez baina, auskalo informazio iturria ahitu eta isiltasunaren bidea aukeratu zuela. Nork daki behin-behinekoz. | news |
argia-e1b277e57d5f | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/the-jinx-errealitateak-fikzioa-gainditzen-duenean.html | The Jinx: errealitateak fikzioa gainditzen duenean | Gaizka Izagirre | 2015-05-03 00:00:00 | The Jinx: errealitateak fikzioa gainditzen duenean
Tituluetatik hasita, musika bitarte, azken ataleko azken segundorainoko erakustaldi hipnotiko eta makabroa. Tentsioa eta erritmoa, jolas-parke batean egongo bagina bezala, gora eta behera sentitzen ditugun bitartean Hollywoodeko edozein gidoik nahiko lituzkeen biraketa harrigarriak. Horiez jositako telesail-dokumental paregabea. Beste hainbat dokumentaletan ikusi ohi dugun bezala –adibidez, Paradise Lost: The Child Murders at Robin Hood Hills, Dear Zachary: a letter to a son about his father eta The Imposter ; bide batez, ikusi ez badituzue, ez galdu hiru harribitxi izugarri hauek–, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga garbia.
2010 urtean, Andrew Jarecki zuzendariak All Good Things filma estreinatu zuenean, gutxik espero zuten Robert Dursten bizitzan oinarrituriko pelikula horrek izango zuen eragina, hizketa-gai dugun dokumental hau errodatzeko garaian. Momentu horretan jarri baitzen kontaktuan benetako protagonista zuzendariarekin, orain arte inoiz egin ez zuen elkarrizketa edukitzeko prest zegoela esanez.
Eta nor zen zehazki tipo hau? New Yorkeko familia ospetsu eta dirudun batetik datorren pertsonaia bitxi eta misteriotsua dugu Robert Durst. Gizon bat hil eta zatikatzeaz gain, bere emaztea eta lagun bat desagertzearen erantzule zuzena izatea leporatu zioten. HBO telebista kateak ekoiztutako eta sei zatitan banaturiko lan metodiko honetan, bere bizitzaren errepaso zehatzean murgiltzeko aukera izango dugu. Polizia, epaile, abokatu, testigu eta familiakoen froga eta elkarrizketak tartekatzen diren bitartean, polemikoak diren momentu jakin horien berregiteak ikusteko aukera izango dugu.
Hori da hain zuzen dokumentalari osotasun paregabea ematen dion gakoetako bat, estetika guztiz zinematografikoz zipriztinduta dagoela. Telebistan ikusten ohituta gauden krimenen berregite kaskar horiek ez bezala, sorkuntza lan izugarria dago, tentuz zaindurikoa eta lanari sinesgarritasun paregabea ematen diona. Ikuslea zulotxo batetik begira egongo balitz bezala, gertatutako guztiaren zuzeneko lekuko sentiaraziz. Baina bestetik, askok kritikatu duten alderdi manipulatzailea azaltzen da: hau da, dokumental honen egileek lortu duten material guztia kontuan izanda, ekoizpenaren alde bakarrik egin dutela. Ikus-entzunezko produktu ikusgarri bat egiteko helburuarekin, bidean lorturiko froga eta testigantza guztiak dosi txikietan erabili dituzte, telesailak ikusgarritasun edo morbo puntua gal ez dezan. Argi dago ikuskizuna beste edozeren kontura lortzea ez dela zilegi, baina kritika horiekin ez nago guztiz ados, kasu honetan, egia administratu besterik ez baitute egin. Beraiek erabaki dute noiz azaldu eta noiz ez, zeren, ez dezagun ahaztu lagunok, hau telebista da, eta didaktikoa eta pedagogikoa izateaz gain, entretenigarria izatea garrantzitsua da. Honen guztiaren zergati zehatz hori, azken ataleko azken segundoetan ulertuko duzue, eta batez ere, lan hau aireratu eta hurrengo egunean sortu zen zurrunbiloarekin.
Telesail-dokumental harrigarria azken finean, hoztasun kirurgikoz deskribatzen baitu Robert Dursten izaera, ibilbidea eta batez ere, etengabe inguratzen duen kasu ilun eta sinestezina. Ikuslea behin eta berriz zalantzan jarriz eta gutxitan ikusitako ikerketa psikologiko bikaina eginez; pertsonaia gaitzesgarri eta liluragarri honen garunean zer ote dagoen erakusten saiatuz; hain bereizgarriak diren bere begi beltz eta sarkor horien anbiguotasunaren bitartez, gure barnean bi galdera sortzen: hiltzaile hotz eta krudela ala zorte txarraren ondorioz egon behar ez zuen une eta tokietan egoteagatik, besterik gabe, bizirik dirauen tipo xelebre baten historia? Biktima ala borreroa? Nola amaitzen den jakiteko badakizue zer egin. Hori bai, prestatu begi zuloen kontrako krema, amaitu arte ezingo duzuelako historia harrigarri eta beldurgarri honen atzaparretatik ihes egin. Eta oso garrantzitsua, dokumentala ikusi baino lehen, saiatu hari buruzko ahalik eta informazio gutxiena irakurtzen, hainbat hedabidetan zabaldutako datu eta irudiek bertan behera uzten baitute etengabe bizi ditzakegun "sorpresak". Ezinbestekoa. | news |
argia-dae1394fa69e | argia | cc-by-sa 4.0 | eu | https://www.argia.eus/argia-astekaria/2459/laura-pego-otero.html | "Torturaren erabilera inpunitateari lotuta dago" | Ander Leon | 2015-05-03 00:00:00 | "Torturaren erabilera inpunitateari lotuta dago"
Laura Pego Otero (Pasaia, 1968) abokatua eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria da. Torturaren inguruko ikerketan ibilbide luzea du eta azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz Tortura Ikerketa proiektua (1960-2013) aurrera eramateko eratu den lantaldeko partaide da. Horri buruz hitz egin digu.
Torturaren inguruan egin duzun lehen lana ez da hau.
"Tortura euskal esparruan" izeneko tesina izan nuen lehen hurbilpena. Geroztik atxilotutakoen eskubideen inguruan lan egin dut, 2007an Arartekoak enkargatutako txostenean, eta berriki Eusko Jaurlaritzaren aginduz inkomunikazio egoeran izan diren atxiloketen inguruan. Aurreko bietan tortura zeharka jorratzen da, atxiloketaren balizko ondorio bezala. Oraingo ikerketa berriz zehatzagoa da, torturaz, bai atxiloketa guneetan baita espetxeetan ere.
Zergatik tortura?
Giza eskubideen defentsa betidanik interesatu zait. Torturak beste biolentzia batzuek ez duten osagarria du: mina edo sufrimendua funtzionario publikoak eragindakoa da, edota behinik behin, sistema publikoa ordezkatzen duen pertsona batek bultzatu edo baimendu du. Eskubide bermatzailea da eskubideak hausten dituena, babestu behar gaituena da delituaren egilea, eta horregatik da hain larria.
Tortura ukatzen dutenak badaude.
Torturaren biktimek ez dute kasu gehienetan onarpenik izan, ez sozialik ezta juridikorik ere. Salaketei kutsu politikoa eman izan zaie eta normalean ukatu egin dituzte. Prebentziorako neurriak aurkeztu dituztenak alarmistatzat hartu izan dira. Tortura salatu dutenei ukapen horri buruz galdetzen diegunean, ez diote garrantzi handiegirik ematen, "nik badakit zer egin didaten eta nire ingurukoek ere bai, horrekin nahikoa dut" esan ohi dute etsipenez. Batzuek torturarik ez dagoela ziurtatzen duten bitartean Giza Eskubideetarako Europako Tribunalak Espainiako Estatua behin eta berriro zigortzen du salaketak ez ikertzeagatik.
Zein da orain abian duzuen proiektuaren helburua?
Hainbat helburu ditugu: torturaren inpunitatea bermatzen dituzten elementuak identifikatzea, torturatuen errolda egitea, salaketa batzuen sinesgarritasuna baloratzea, kasu esanguratsu batzuk aztertzea –batez ere biktimen bizitzetan izandako eragina neurtzeko–… Horrekin guztiarekin txosten orokorra idatziko dugu. Torturaren gaiari hurbilpen zientifikoa egin nahi diogu, eztabaida ideologikotik atera eta enpirismoan oinarritutako txostena idatzi. Hori bai, argi eta garbi daukaguna zera da: giza eskubideen urraketen aurrean ezin da neutrala izan.
Hiru mediku eta jurista bat zaudete. Zer lan egiten du zuotako bakoitzak?
Paco Etxebarria da proiektuaren zuzendaria eta Ikertzaile Nagusia, ibilbide luzea du egina halako kasuetan; Benito Morentin, berriz, salaketen sinesgarritasuna aztertzeko arduraduna da, Istanbulgo protokoloa jarraituz; eta Martin Beristainek kasu esanguratsuenak aztertzen ditu. Nire lana, salaketen inguruko dimentsio juridikoa baloratzea da, ustezko biktimekin harremanetan jartzea eta eragile sozialekin kontaktuak egitea.
Zeintzuk dira eragile horiek eta nolako harrera izan du zuen jardunak?
Torturaren gaia bereziki jorratu duten elkarteekin hasi ginen, TAT, Euskal Memoria, Amnesty International edo Salhaketa modukoak. Gizarteko beste hainbat sektore ordezkatzen dituzten eragileekin ere egon gara: SOS Arrazakeria, drogamenpekotasunaren ingurukoak, giza mailako elkarte kristauak, sindikatuak... Baita mundu judizialekoekin ere: abokatuak, epaileak edota fiskalak. Egitasmoa aurkeztu diegu eta beraien babesa erabatekoa izan da. Denek erakutsi dute ikerketan laguntzeko borondatea.
Gaia oso sentibera da, kritikarik jaso duzue?
Guri zuzenean ez zaigu inor kritikarekin etorri. Artikuluren batean bai irakurri dugu hainbat polizia-sindikaturen kezka, baina ez horrenbeste ikerketa beragatik baizik eta kondenarik gabeko salaketei ematen zaien tratamenduagatik. Hau da, beraien ustez salaketak ez dira kontutan hartu behar frogatzen ez badira.
Baina torturaren arazo handienetako bat hori da, frogatzea zaila dela.
Eusko Jaurlaritzaren 2013ko txosten baten arabera, salaketa publikoak edo judizialak kontutan harturik, 5.500 kasu inguru egon daitezke. Haietatik Espainiako tribunalek 20 bat zigor-epai baino ez dituzte eman. Tortura frogatzeko zailtasun handienak, hainbat nazioarteko erakunderen arabera, komisaldegietan eta espetxeetan egon daitezkeen inpunitate espazioak dira. Erakunde horiek diotenez ikerketak falta dira, eta indarrean dauden bermeak ez dira nahikoak. Opakotasun esparruak daude.
Inkomunikazioa da tortura ahalbidetzen duen arrazoi nagusia?
Esan dezakegu inkomunikazioaren baldintzek horrelako egoerak erraztu ditzaketela, baina ez soilik Lege Antiterrorista aplikatu den kasuetan. Tortura jasaten duten beste kolektiboak ere badaude: delinkuente sozialak, toxikomanoak, etorkinak… Babes sozialik gabeko pertsonak izan ohi dira, tortura salatu ere egiten ez dutenak. Guk kasu batzuk atzeman ditugu, baino gehienek ez dute horri buruz hitz egin nahi, tortura atxiloketaren atal bat bezala ikusten baitute.
Ez dute babes edo sinesgarritasun bera etorkin toxikomano batek edo Martxelo Otamendik, baina kasu guztien atzean modu bateko edo besteko inpunitatea dago. Hori izan daiteke torturaren gakoa, balizko torturatzaileak babesten dituena. Eta horri funtzionario batzuen korporatibismoa gehitu behar zaio.
Eman dezakezu adibideren bat?
Gogoratuko duzue 1995ean emakume brasildar bat bortxatu zutela Bilboko komisaldegi batean. Epaileak bortxaketa frogatutzat eman zuen baina ez zuen inor zigortu. Egun horretan lanean zeuden polizien artean isiltasunaren legea izan zen nagusi eta hori izan zen epaia: delitua bai, baina errudunik ez.
Eta egoera hori izanik, zer pauso emango duzue salatutakoa benetakoa den baloratzeko?
Nazioartean onartuta dagoen metodologia erabiliko dugu, Istanbulgo Protokoloa, hain zuzen ere. Sistema horrek hainbat pausu aurreikusten ditu eta bertan ezarritako egiaztatze frogak baliogarriak izango zaizkigu edozein salaketaren sinesgarritasuna baloratzeko.
Orain arteko emaitzei begiratuta zein da torturatuaren profila?
Gizonezkoa eta Polizia Nazionalak 80ko hamarkadan Gipuzkoan atxilotua. Horiek dira item bakoitzean gehien ematen diren erantzunak. Gehienak ere inkomunikazio egoeran egon dira eta beraien salaketek ez dute aurrera egin. Sexuaren arabera aldea nabarmena da: %85 gizonak dira eta %15 emakumeak. Atxiloketaren arduradunen artean kasuen %49 Poliziaren eskuetan egon da, Guardia Zibilak %41 eta Ertzaintzak %9. Hamarkadei begiratuta topea jotzen du 80koan eta hortik atzera jaisten joaten da.
Gerra zibileko desmasiak argitzeko, igarotako denbora oztopo handia da. Hemen ere hala gertatuko al da?
Diktadura garaian salatzea askoz zailagoa zen eta hainbeste urteren ondoren gaur egun arazo gehiago ditugu haiekin kontaktatzeko. Baina 60ko eta 70eko hamarkadetako jendea hurbiltzen ari zaigu, urteetan gordea izan dutena kontatzeko prest. Hala ere, ezin da ukatu denborak memoria ahultzen duela eta zailagoa dela dokumentazioa eskuratzea, batzuk adina dela eta oso gaixo edo hilda egon daitezkeela… Bai, kasu batzuetan igarotako denbora arazo handia izan daiteke.
Kasu bereziak egongo dira.
Torturaren gaia aipatuta, guztioi Joxe Arregiren izena datorkigu burura. Bere kasuaren espedientea aurkitu dugu Madrilgo fundazio batean artxibaturik. Kopia bat eskuratzear gaude eta laster ekingo diogu azterketari.
1960 eta 2013 urteen artean, ezker abertzaleko kideenak ez ezik, beste ideologiatako pertsonen testigantzak ere baditugu: sozialistak, komunistak, sindikalistak, EAJren ingurukoak... Beste kasu esanguratsu bat Enkarni Blancorena da. Atxilotua izan eta gero tortura bortitzak salatu zituen. Auziak ez zuen aurrera egin eta Nazio Batuen Erakundera jo zuen. Urtetan borrokatu ondoren erakunde horretako Torturaren Aurkako Batzordeak Espainia kondenatu zuen, baina ez torturengatik, bere kasua ez ikertzeagatik baizik. NBEk ez zuen ulertzen horrelako salaketa larri baten aurrean Espainiako erakundeek inolako ikerketarik aurrera ez eraman izana.
Halako gai baten aurrean, egin al daiteke bereizketarik?
Izan ere, kasu arruntak ez dira apalagoak. Bada pertsona bat salatu duena errepide kontrolean geratu eta kotxeko pegatina antinuklearra janarazi ziotenean, ezin irentsi eta bertan fusilamendu simulakroa egin ziotela… Gertaera guztiak dira oso gogorrak, eta hor dago testigantzaren indarra. Horrelako pertsona bat urteak igarota kamera aurrean esertzen denean, atzean zerbait larria dagoela esan nahi du. Hori ez sinestea zaila egiten da. | news |
Subsets and Splits
No community queries yet
The top public SQL queries from the community will appear here once available.